date
stringdate 2012-09-20 00:00:00
2023-12-01 00:00:00
| url
stringlengths 47
182
| category
stringclasses 10
values | title
stringlengths 3
140
| subtitle
stringlengths 0
1.17k
| summary
stringlengths 5
1.18k
| text
stringlengths 2
35.8k
|
|---|---|---|---|---|---|---|
2020-12-23
|
https://www.berria.eus/albisteak/191526/imanolek-eta-olabek-kontratua-berritu-dute-realarekin.htm
|
Kirola
|
Imanolek eta Olabek kontratua berritu dute Realarekin
|
Entrenatzaileak 2023ra arte luzatu du, eta Futbol zuzendariak 2024ra arte.
|
Imanolek eta Olabek kontratua berritu dute Realarekin. Entrenatzaileak 2023ra arte luzatu du, eta Futbol zuzendariak 2024ra arte.
|
Realak berrindartu egin du kirol egitasmoa, kontratuak berritu dizkielako Imanol Alguacili eta Roberto Olaberi. Entrenatzaileak 2023ra arteko hitzarmena sinatu du, eta Futbol zuzendariak 2024ra artekoa. Jokin Aperribai presidenteak iragarri ditu bi berritzeak akziodunen Batzar Nagusian (telamatikoki ari dira egiten).
Imanolek lehen taldearen entrenatzaile lana hartu zuela larunbatean beteko dira bi urte. Bigarrenez izan zen, aurretik ere jardun zuelako zeregin horretan, 2018ko udaberrian, hain zuzen. Bi urte hauetan, emaitza aldetik, lorpen handi hauek erdietsi ditu taldeak haren aginduetara, biak aurreko denboraldian: Espainiako Kopako finalera sailkatzea, eta Europa Liga jokatzeko aukera izatea. Sasoi honetan, Reala Europan ari da oraindik, aurreneko fasea gainditu baitu; final 1/16etan Manchester United izango du kontrario. Ligan ere ondo ari da taldea, azkenaldian behera egin badu ere emaitzetan. Lider izan zen hainbat jardunalditan, eta hirugarrena da orain. Bi lehiaketak kontuan hartuta, azken bederatzi partidetan ez du Realak garaipenik lortu: hiru partida galdu ditu eta sei berdindu. Entrenatzaileari bolada txar horretan kontratua berritzea oso adierazgarria da, eta babesa ematen dio Oriokoari. Datorren urteko ekainaren 30ean bukatzen zitzaion kontratu zaharra.
Beste horrenbeste gertatzen da Olaberen berritzearekin. Aperribaik eta haren zuzendaritzak erabateko konfiantza dute gasteiztarrarengan. 2018ko martxoan sartu zuten berriro ere klubean, aurreko saialdiak kale egin eta gero. Lanean jardun zuen, baina joan egin zen 2016an, "arrazoi pertsonalengatik", haren hitzetan. Oraingo lanaldia erabat emankorra ari da izaten, eta antzematen da klubean Olaberen lan egiteko modua eta bidea. Zeregin horretan dihardutenei, lehen taldearen ibiliak zehazten die lanaren fruitua, eta hor sartzen dira, ezinbestean, fitxaketak eta horrekin batera, taldea osatzea. Olaberekin bat Realeko jokalari izan dira Miguel Merino, Nacho Monreal, Alexander Isak, Alex Remiro, Portu eta guztien gainetik, David Silva. Harrobiaren aldeko apustua ere handia ari da izaten orain ere, eta Imanolekin elkarlanean, lehen taldeko ateak zabal-zabalik dituzte beheko mailetako jokalariek.
Bien arteko elkarlanak jokatzeko eredu zehatz baten aldeko hautua ere ekarri du. Ezin da ukatu lehendik ere bazuela Realak eredu horretan jokatzeko joera, baina orain, biribildu egin dute, jokalari egokiak ekarriz horretarako. Bidea erabat sendotuta daukate, eta horrez gain, badu lehen taldeak beste ezaugarri bat: lehiakorra da. Ondo lehiatzen du, eta hori izan da Olabek nahi eta aldarrikatu izan duena Realera itzuli zenetik. Imanoli bezala, datorren urteko ekainean bukatzen zitzaion kontratua.
|
2020-12-24
|
https://www.berria.eus/albisteak/191551/alavesek-eibarri-pasa-dizkio-arazoak.htm
|
Kirola
|
Alavesek Eibarri pasa dizkio arazoak
|
Mendizorrotzako derbian, Pedro Leonek aurreratu ditu armaginak hasi eta berehala, eta gero, atsedenaldiaren aurreko azken minutuetan, Edgar Mendezek eta Deyversonek irauli dute emaitza.
|
Alavesek Eibarri pasa dizkio arazoak. Mendizorrotzako derbian, Pedro Leonek aurreratu ditu armaginak hasi eta berehala, eta gero, atsedenaldiaren aurreko azken minutuetan, Edgar Mendezek eta Deyversonek irauli dute emaitza.
|
Alavesek irabazi zion atzo gauean euskal derbia Eibarri (2-1). Arazoekin eta kezkatuta ekin zion partidari etxeko taldeak, baina norgehiagokaren akaberan, estutasunak armaginentzat izan ziren. Eta izango dira. Batetik, ondo ekin ziolako partidari, aurretik ere jarriz, baina atsedenaldira galtzen joan zelako; eta bestetik, bigarren zati oso eskasa egin zuelako, aspaldiko txarrena. Alavesi kontrakoa gertatu zitzaion: lehen zati apala egin zuen, baina irabazle joan zen atsedenaldira; bigarren zatian, aldiz, defentsako lan oso ona egin zuen, nahiz eta emaitza handiko aukera garbi pare bat alferrik galdu azkeneko minutuetan.
Pedro Leonek sartu zuen Eibarren gola laugarren minutuan. Kornerretik zuzenean. Pacheko Alaveseko atezainari jo zion baloiak hanketan, eta barrura zihoan baloia atean sartu zen. Erosotasuna eman zion golak Jose Luis Mendilibarren taldeari, eta pare bat aukera on ere sortu zituen partida ia erabakita uzteko. Ez zuen asmatu, ordea. Alavesek bai gero. 41. minutuan, Edgar Mendezek berdindu zuen partida, nola eta Eibarren aldeko korner batean kontraerasoan gola sartuz. Bigarren gola 47. minutuan egin zuen Deyversonek, bakarrik zela area txikian, Joseluk area barrutik buruz egindako pasea baliatuz. Edozein haserretzeko moduko golak jaso zituen Eibarrek, eta batere uste ez zuenean, galtzaile zen.
Bigarren zatian, Alavesek menderatu zuen aurkaria. Ondo lotu zituen Eibarren erasoko sormen lekuak: hegaletako atzelariak, batetik, eta Bryan Gil, bestetik. Atzeko lerroa asko aurreratu zuen, eta armaginei ez zien utzi lerro horren bizkarrera baloia botatzen. Horretarako aukera izan zutenean atzo kanpotarrak izan zirenek, gainera, ez zuten baliatu.
Partidaren azkeneko zatian, Alavesek aukera garbiak sortu zituen, baina hutsak garbiagoak egin zituen. Luis Riojak eta Joseluk Dmitrovicen aurrean huts egin zituztenak oso aukera gardenak izan ziren. Halakoak barkatu eta gero, ohikoa izaten da aurkariak aukera bat izan eta barrura sartzea, eta izan zuen Eibarrek berdintzeko aukera garbia. Azkeneko jokaldietako batean izan zen, korner batean, eta Kikeren burukada kanpora joan zen.
Arnasa hartu zuen Alavesek atzoko garaipenarekin. Hamahirugarren jarri da, 17 punturekin, etxeko bigarren garaipena eskuratu eta gero. Jaitsiera hiru puntura dauka. Eibar, aldiz, azken-laugarren dago, 15 punturekin, eta zuloa puntu bakarrera du. Hurrengo partida Bartzelonaren zelaian dauka, datorren asteartean. Alavesek beste derbi bat izango du gaur zortzi: Sadarren, Osasunaren aurka.
|
2020-12-24
|
https://www.berria.eus/albisteak/191553/trumpek-bere-ingurukoak-barkatu-ditu.htm
|
Mundua
|
Trumpek bere ingurukoak barkatu ditu
|
Haren kanpainako buru Paul Manaforti, Roger Stone aholkulari ohiari eta Charles Kushner suhiaren aitari epaitegiek emaniko zigorra kendu die.
|
Trumpek bere ingurukoak barkatu ditu. Haren kanpainako buru Paul Manaforti, Roger Stone aholkulari ohiari eta Charles Kushner suhiaren aitari epaitegiek emaniko zigorra kendu die.
|
Agintaldiko azken egunez auzitegiek zigorturiko bere ingurukoak barkatzeko baliatzen ari da Donald Trump AEBetako presidenteak. Denera 26 pertsonari eman die barkamena, eta beste hiruri zigorrak betetzeko baldintzak arindu dizkie.
Horietako bat Paul Manafort da. Trumpen 2016ko kanpainaren burua izan zen, eta duela bi urte zigortu zuten, Errusiak hauteskunde haietan eduki zuen esku-hartzearen harira. Zazpi urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri zioten, diru iruzurra eta bere aurkako ikerketa oztopatzeagatik. Maiatzean atera zuten espetxetik, koronabirusaren izurriarengatik, eta zigorra etxean ari zen betetzen. «Hitzek ezin dute adierazi gure esker ona», adierazi du Manafortek txio batean.
Roger Stone aholkulari ohiari zigorra ezarri zioten Kongresuari gezurra esateagatik. Politikariari leporatu zioten 2016an Wikileaks gunearekin harremanetan jartri izana, hedabideak Hillary Clintonen e-mailen filtrazioaren harira, eta horren inguruan galdekatu zuten Kongresuko batzorde batean. Trumpek espetxe zigorra aldatu zion lehen ere, baina orain, erabateko barkamena eman dio.
Manafort eta Stonerekin batera, Charles Kushner barkatu du Trumpek. Trumpen alaba Ivankaren senar Jared Kushnerren aita da. Bi urteko zigorra ezarri zioten 2004. urtean zerg iruzurrarengatik, hauteskunde kanpainako diruekin legez kanpoko mugimenduak egiteagatik eta lekukoen aurkako maniobrengatik. Lekukoa Kushnerren emaztearen anaia zen, gainera: ikertzaileekin kolaboratzen ari zen, eta Kushnerrek prostituta bat kontratatu zuen, bideoa gero lekukoaren emazteari -Kushnerren arrebari- bildatzeko.
Atzo beste 20 pertsonari barkamena eman zien Trumpek, tartean Iraken 2007an 14 herritar hiltzeagatik zigorturiko Blackwater enpresako lau mertzenariori.
Barkatuen zerrenda ikusita, deigarria da Trumpek kanpoan utzi dituenak ikustea. Manaforten kide Rick Gates eta Trumpen abokatu ohi Michael Cohen ez ditu barkatu presidenteak. Izan ere, biek fiskalekin kolaboratu dute ikerketetan.
|
2020-12-24
|
https://www.berria.eus/albisteak/191554/urtarrilaren-4an-hasiko-dira-txertatzen-ipar-euskal-herrian.htm
|
Gizartea
|
Urtarrilaren 4an hasiko dira txertatzen Ipar Euskal Herrian
|
Baionako erietxean hozkailu handien sorta bat jasoko dute. Horietako bakoitzak 180.000 dosi gordetzeko ahalmena izango du. Botikak arduratuko dira gainerakoez.
|
Urtarrilaren 4an hasiko dira txertatzen Ipar Euskal Herrian. Baionako erietxean hozkailu handien sorta bat jasoko dute. Horietako bakoitzak 180.000 dosi gordetzeko ahalmena izango du. Botikak arduratuko dira gainerakoez.
|
Eguna jarrita dago, eta antolaketa martxan da. Urte berriaren laugarren egunarekin hasiko dira txertoak jartzen Ipar Euskal Herrian. Kanpaina antolatzeko bi talde sortu berri dituzte aste honetan bertan Pirinio Atlantikoetako Departamenduan.
Pfizer BioNtech konpainien txertoa banatuko dute, eta horrek logistika behar bereziak ditu, oso tenperatura hotzean gorde behar delako. Horretarako, hozkailu bereziak behar dira, eta horien sorta bat jasoko dute laster Baionako erietxean. Ipar Euskal Herrian banatuko dituzten txertoen kopuru handi bat kudeatuko dute handik. Hozkailu berezi horietako bakoitzak 180.000 txerto gorde ditzake.
Horrez gain, botikak izango dira gako txertoak herri txikietara eramateko prozesuan. Txertoak hozkailu-kamioietan garraiatuko dituzte. Departamenduan 9.000 pertsona arituko dira lanean.
Lehen boladan, 140.000 pertsona txertatu nahi dituzte. Bigarrenean, logistika konplexuagoa izango da, horretan jende guztia edo, gutxienez, populazioaren zatitik handiena txertatzeko asmoa baitute. Fase horretan, egoitza publikoak erabiliko dituzte, jendetza artatzeko.
|
2020-12-24
|
https://www.berria.eus/albisteak/191555/brexit-erako-ituna-sinatu-dute-londresek-eta-ebk.htm
|
Mundua
|
'Brexit'-erako ituna sinatu dute Londresek eta EBk
|
EBn eta Erresuma Batuaren artean ez da muga saririk egongo, ezta kuotarik ere.
|
'Brexit'-erako ituna sinatu dute Londresek eta EBk. EBn eta Erresuma Batuaren artean ez da muga saririk egongo, ezta kuotarik ere.
|
Europako Batasunaren eta Erresuma Batuaren arteko negoziazioetan ituna egin dute azkenean gaur arratsaldean. Egunotan ongi lotu dute akordioa, eta azkenean sinadurak baino ez zituen falta. Bien arteko etorkizuneko harremana finkatuko zuen testua «prest» zegoela zabaldu zuten atzo gauean bi aldeek, eta, azkenean, gaur arratsaldean iragarri dute akordioa.
Ez dute itunaren testua zabaldu, baina hainbat punturen berri eman dute:
EBn eta Erresuma Batuaren artean ez da muga saririk egongo, ezta kuotarik ere. Bi aldeen artean sorturiko auziak konpontzeko mekanismo bat egongo da. Ziurtatu egingo da EBko eta Erresuma Batuko enpresek baldintza berdinekin lehiatuko direla elkarrekin, eta aldeek zigorrak ezarri ahalko dizkiote elkarri, itunaren arauak ez badira betetzen. Arrantzari dagokionez, Erresuma Batua bere itsas eremuaren gaineko burujabetza osoa edukiko du. Halere, bost urteko epean, bi aldeek eskubidea edukiko dute elkarren uretan arrantza egiteko.
Bi aldeen arteko garraioak etenik ez duela edukiko ziurtatuko dute. Baina urtarrilaren 1etik aurrera, muga kontrolak egongo dira, eta litekeena da kamioi ilara luzeak ikustea, azken egunotan bezala. Londresko finantza zerbitzuak EBtik kanpo egongo dira urtarrilaren 1etik aurrera.
Bermatu egingo dira EBn bizi diren herritar britainiarren eskubideak eta alderantziz, besteak beste osasun zerbitzuak, brexit-aren aurretik han edo hemen bizi zirenentzat. Baina bi aldeetako herritarrek ez dute eskubiderik izango beste aldean nahi bezala bizitzen jartzeko, lan egiteko edo ikasteko: bisak eskatu beharko dituzte, eta kontrolak igaro beharko dituzte mugetan.
Dibortzio luzea izan da. Hona mugarriak.
1973-1975
Charles de Gaulle jeneralaren boikoten eta zalantza askoren ondoren, kontserbadoreak boterean zirela, Erresuma Batua Europako Ekonomia Erkidegoan sartu zen 1973ko urtarrilaren 1ean. Sartzeak ez zituen duda guztiak uxatu: gobernura iritsi eta erreferendumera deitu zuten laboristek, orduan euroeszeptikoak baitziren. 1975eko ekainaren 5eko galdeketan, herritarren %67,2k EEEn geratzearen alde bozkatu zuten.
1976-2016
Harreman tirabiratsua izan zuen Erresuma Batuak EEErekiko. Merkatu bakarraren bultzatzaile nagusietako bat izan zen, Margaret Thatcherren garaian, baina batasun politikoari ahalik eta traba gehien jarri zizkion Londresek. Eurotik kanpo ere geratu zen Erresuma Batua. Euroeszeptizismoa ezkerretik eskuinera igaro zen 1980ko hamarkadatik aurrera, eta Alderdi Kontserbadorea bitan zatitu zuen. Alderdi barruko eztabaida behingoz itxi nahian, David Cameron lehen ministro kontserbadoreak erreferendum bat antolatu zuen, Europa ekialdeko herritarren immigrazioa mugatzeko hainbat
2017ko urtarrilak 17
Hitzaldi batean, Mayk iragarri zuen ez zituela beteko Erresuma Batuak EBko merkatu bakarrean geratzeko baldintzak, eta atea ireki zion erabateko hausturari: «Akordiorik ez lortzea hobea da akordio txar bat lortzea baino».
2017ko ekainak 8
Mayk hauteskundeak deitu zituen, brexit-a gehiengo zabalago batekin lasai negoziatzeko asmoarekin. Usteak ustel, ordea: kontserbadoreek gehiengo osoa galdu zuten, eta DUP Ipar Irlandako alderdi unionista kontserbadorearen babesa bilatu behar izan zuen gobernatzen jarraitzeko.
2016ko uztailak 17
Banaketaren baldintzei buruzko negoziazio ofizialak hasi ziren. Alde bateko zein besteko herritarrek beste aldean izango zituzten eskubideak eta trantsizio garaian Erresuma Batuak EBren aurrekontuari buruz egin beharreko ekarpenak sortu zuten eztabaida, baina askatu beharreko korapilo nagusia Irlanda bilakatu zen. Zer egin Ipar eta Hego Irlanda arteko mugarekin, Ostiral Santuko bake akordioa kolokan jarri gabe?
2018ko uztaila
Dibortzioaren negoziazioak desblokeatu nahian, Mayk brexit bigunago baterako bere plana aurkeztu zien bere ministroei. Dimisioarekin erantzun zioten brexit-zale sutsuenek, Boris Johnson Atzerri ministroa buru zutela. 2018ko azaroa Dibortzioaren baldintzak adostu zituzten Bruselak eta Londresek. Besteak beste, hitzartu zuten ez zela muga gogorrik egingo Hego eta Ipar Irlandaren artean.
2019ko urtarrila-martxoa
Urtarrilaren 15ean Mayren irteera planak porrot latza jaso zuen Westminsterren: aurkako 432 boto eta aldeko 202. Martxoan beste bi bozketa galdu zituen, alde txikiagoarekin izan bazen ere. Gehiengorik ez zuela ikusita, EBtik irteteko data —martxoaren 29a— atzeratzeko eskatu zuen Mayk. Bigarren erreferendum bat egiteko kanpainak indarra hartu zuen.
2019ko maiatzak 27
Irteera data berria urriaren 31 zenez, Erresuma Batua behartuta egon zen Europako Parlamenturako hauteskundeetan parte hartzera. Nigel Farageren Brexit Party izan zen bozkatuena, emaitza onak lortu zituzten EBren aldeko alderdiek (Liberal demokratek, SNPk, Berdeek...), eta kolpe historikoa jaso zuten toryek eta laboristek.
2019ko uda
Bere irteera akordioa aurrera ateratzeko gehiengorik ez zuela-eta, Mayk alde batera egingo zuela agindu zuen, eta kontserbadoreek lider berria hautatu zuten uztailaren 23an: erreferendum kanpainaren gidaria, Boris Johnson. Lehen ministro izendatu zuten hurrengo egunean. Urriak 31eko irteera eguna inolaz ere luzatuko ez zuela agindu zuen hainbat aldiz hurrengo asteetan. Parlamentuak, ordea, bozkatu zuen akordiorik gabeko brexit bat ez zuela inolaz ere onartuko, oso kaltegarria izango litzatekeelako Erresuma Batuarentzat.
2019ko urria
Irlandako mugaren auzian atzera egiteko saioa egin zuen Johnsonek, baina EBk ez zuen onartu. Tentsio handiko giroan, konponbide bati bidea ireki zioten Johnson eta Leo Varadkar Irlandako Errepublikako gobernuburuak. Urriaren 17an, brexit-erako akordio berri bat adostu zuten. Horren bidez, Ipar Irlandak praktikan EBren merkatu bakarrean jarraituko du, eta kontrolak izango dira haren eta Erresuma Batuko beste nazioen artean. Brexit-aren data 2020ko urtarrilaren 31era arte atzeratu zuten.
2019ko abenduak 12
Get Brexit done leloaren eskutik (buka dezagun brexit-a), Johnsonek garaipen zabala lortu zuen hauteskundeetan, eta bigarren erreferendum bat egiteko aukerak zapuztu zituen. Eskozian eta Ipar Irlandan, ordea, oso emaitza onak lortu zituzten EBren aldeko alderdi nazionalistek.
2020ko urtarrilak 31
Gauerdian, Erresuma Batua EBtik atera zen ofizialki, eta trantsizio epe bat hasi zen: 11 hilabetez haren arauei eta merkatuari lotuta jarraituko zuen, bien arteko etorkizuneko harremana negoziatu bitartean.
2020ko martxoa
Itxialdia hasi zuten Erresuma Batuak eta EBko herrialde guztiek, koronabirusaren hedapena oztopatzeko. Merkataritza akordioaren negoziazioak moteldu egin ziren. nabarmen. 2020ko udazkena Trantsizio epea gerturatu ahala, negoziazioei bultzada bat eman zioten Michel Barnier EBko negoziatzaileak, eta David Frost britainiarrak. Bi desadostasun nagusi: arrantza eta lan, ingurumen eta laguntza publikoen araudia.
2020ko abenduaren 24a
Brexit-aren ituna sinatu zuten.
|
2020-12-25
|
https://www.berria.eus/albisteak/191556/514-positibo-atzeman-dituzte-hego-euskal-herrian.htm
|
Gizartea
|
514 positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian
|
9.165 PCR eta antigeno proba egin dituzte, eta %5,6ek eman dute positibo; tasak, beraz, gora egin du. Lurraldeetan, behera egin dute kasuek, Bizkaian izan ezik.
|
514 positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian. 9.165 PCR eta antigeno proba egin dituzte, eta %5,6ek eman dute positibo; tasak, beraz, gora egin du. Lurraldeetan, behera egin dute kasuek, Bizkaian izan ezik.
|
Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, 9.165 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo Hego Euskal Herrian, eta horietatik 514 positibo atzeman dituzte. Hain zuzen, herenegungo datuekin alderatuz gero, behera egin du positiboen kopuruak; zehazki, 37 kasu gutxiago erregistratu dituzte. Hala ere, positibo tasak gora egin du. Herenegun %4,79 zen positibo tasa, eta atzo egindako proben %5,6ek eman zuten positibo.
Lurraldeetako egoerari dagokionez, COVID-19aren kasu gehienak Bizkaian erregistratu dituzte. Guztira, 218k eman dute positibo, aurreko egunean baino 37 gehiagok. Beste hiru lurraldeetan, ordea, behera egin dute kasuek. Gipuzkoan 124 positibo erregistratu dituzte, Nafarroan 104, eta Araban 63. Gainontzeko bost kasuak, berriz, EAEtik kanpo bizi diren herritarren artean atzemandakoak dira.
Jaurlaritzak ospitaleratze berrien datuak ere eman ditu, eta, hain zuzen, koronabirusa duten 39 pertsona gehiago daude erietxeetako gela arruntetan. Zaintza intentsiboetako unitatean, gaur-gaurkoz, 89 pertsona daude ospitaleratuta. Hala ere, ez du informazio gehiago eskaini, eta astelehenean emango ditu xehetasun gehiago.
|
2020-12-25
|
https://www.berria.eus/albisteak/191557/haur-parke-bat-eraiki-dute-zaballan-modulu-mistoa-sor-dezatela-eskatzeko.htm
|
Politika
|
Haur parke bat eraiki dute Zaballan, modulu mistoa sor dezatela eskatzeko
|
Irati Gurasoekin Euskal Herrira dinamikak sustatuta, Olentzerok eta Mari Domingik eraman dute parkea Arabako espetxe aurrera. Martxoaren 8an hiru urte beteko ditu Irati umeak, eta preso duen amarengandik bereizi beharko du.
|
Haur parke bat eraiki dute Zaballan, modulu mistoa sor dezatela eskatzeko. Irati Gurasoekin Euskal Herrira dinamikak sustatuta, Olentzerok eta Mari Domingik eraman dute parkea Arabako espetxe aurrera. Martxoaren 8an hiru urte beteko ditu Irati umeak, eta preso duen amarengandik bereizi beharko du.
|
Olentzerok eta Mari Domingik oparia eraman dute gaur Zaballako espetxera (Araba): haur parke bat eraiki dute kartzelaren aurrean, Irati Gurasoekin Euskal Herrira dinamikak bultzatuta, espetxe horretan modulu misto bat egin dezatela eskatzeko. Preso dauden gurasoak eta haien seme-alabak elkarrekin egoteko aukera emango luke modulu mistoa sortzeak.
Bi urteko umea da Irati; Beatriz Etxebarria eta Iñaki Zapirain euskal presoen alaba, eta espetxean jaioa. Oraindik hiru urte bete ez dituenez, Espainiako legediaren arabera badu amarekin egoteko eskubidea; orain biak daude Aranjuezen (Madril, Espainia). Baina gauzak aldatu egingo dira datorren urteko martxoaren 8an. Orduan, haurrak hiru urte beteko ditu, eta amaren magala utzi beharko du. Hori galarazi nahi du Irati Gurasoekin Euskal Herrira plataformak, eta horretarako ekinbide ugari ari dira antolatzen. Gaur, esaterako, Zaballakoa.
|
2020-12-25
|
https://www.berria.eus/albisteak/191558/baionako-herriko-etxeak-etxegabeen-kontrako-neurriak-kendu-beharko-ditu-partez.htm
|
Gizartea
|
Baionako Herriko Etxeak etxegabeen kontrako neurriak kendu beharko ditu, partez
|
Karrika Gurea Da kolektiboak salaketa jarri zion Baionako auzapezari, «diskriminazioagatik». Paueko Auzitegi Administratiboak neurri sortako hirugarren artikulua kentzera behartu du auzapeza.
|
Baionako Herriko Etxeak etxegabeen kontrako neurriak kendu beharko ditu, partez. Karrika Gurea Da kolektiboak salaketa jarri zion Baionako auzapezari, «diskriminazioagatik». Paueko Auzitegi Administratiboak neurri sortako hirugarren artikulua kentzera behartu du auzapeza.
|
Haserrea eragin zuen Baionako Herriko Etxeak etxegabeen kontra plantan ezarri zuen neurri sortak. Izan ere, Jean Rene Etxegaraik goizeko zortzietatik gauerdira arte «karriken gehiegizko okupazioa» debekatu du, baita «jarririk edo etzanik» egotea ere «ibiltariak trabatzeko arriskua den lekuetan». Bi txakur baino gehiago elkartzea ere debekatu du. Bestalde, puska zenbait karrikan biltzea legez kanpokotzat jo du; janaria prestatzeko materiala, oihalak hedatzeko materiala eta txakurrak bazkatzeko tresnak, besteak beste. Egoera salatzeko, hainbat protesta antolatu zituen Karrika Gurea Da kolektiboak, eta Paueko Auzitegi Administratibora jo zuten, neurriak etxegabeentzat «diskriminatzaileak» direlakoan.
Iragan astean epaitu zuten afera Pauen (Okzitania), eta atzo eman zuen erabakiaren berri Paueko Auzitegi Administratiboak. Epaileak agindu du neurri gehienak bere horretan atxikitzeko, baina janaria prestatzeko materiala, oihalak eta puskak biltzeko debekua kentzera behartu du Baionako Herriko Etxea, «neurri horiek ez baitira justifikatuak».
Karrika Gurea Da kolektiboak «neurri sorta osoa» kentzeko eskatu zuen, baina ez da hala gertatu. Jean Rene Etxegaraik France Bleu irratian iragarri du «neurri sorta %95ean berdina» dela. Haren arabera, «epaileak ongi ulertu» du neurri sortaren helburua, hau da, desordena publikoaren kontra egitea.
|
2020-12-26
|
https://www.berria.eus/albisteak/191581/positibo-tasa-64ra-igo-da-hego-euskal-herrian.htm
|
Gizartea
|
Positibo tasa %6,4ra igo da Hego Euskal Herrian
|
4.858 PCR eta antigeno proba egin, eta 311 positibo atzeman dituzte. Nafarroako Gobernuak neurriak ez arintzea erabaki du, goranzko joera «argia eta nabarmena» dela nabarmenduta.
|
Positibo tasa %6,4ra igo da Hego Euskal Herrian. 4.858 PCR eta antigeno proba egin, eta 311 positibo atzeman dituzte. Nafarroako Gobernuak neurriak ez arintzea erabaki du, goranzko joera «argia eta nabarmena» dela nabarmenduta.
|
Ohi baino PCR eta antigeno proba gutxiago egin dituzte azken egunotan Hego Euskal Herrian, eta nahiz eta atzemandako kasuen kopuruak behera egin, egindako proben positibo tasak gora egin du. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, 4.858 proba egin zituzten atzo, eta 311k pertsonak eman zuten positibo. Hau da, egindako proba guztien %6,4k eman zuten positibo, eta herenegun %5,6 zen datu hori. OME Osasunaren Mundu Erakundeak %5ean du ezarria izurritea kontrolpean edukitzeko muga.
Lurraldeetako egoerari dagokionez, eta, aurreko egunekin alderatuz gero, guztietan egin du behera detektatutako positiboen kopuruak. Kasu gehienak Bizkaian atzeman dituzte; guztira, 123 positibo erregistratu zituzten eremu horretan, herenegun baino 95 gutxiago. Nafarroan, 83 izan ziren kasuak, bezperan baino 21 gutxiago; Gipuzkoan, 63 positibo, 61 gutxiago; Araban, 43 detektatu zituzten, aurreko egunean baino 21 gutxiago.
Jaurlaritzako ospitaleetako egoeraren berri ere eman du, eta azaldu du beste 23 pertsona ospitaleratu dituztela, eta 84 gaixo daudela ZIU zaintza intentsiboetako unitatean.
Nafarroako Gobernuak ez du oraindik erietxeen informaziorik eman, baina ohartarazi du ez dituela arinduko urte amaierako neurriak, eta, beraz, besteak beste, etxeratze agindua 23:00etan mantenduko dela. Haren arabera, azken egunetan gora egin dute koronabirus kasuek, eta, gainera, goranzko joera «argia eta nabarmena» da. Oraintxe, 100.000 biztanleko 200 kasu daude Nafarroan, eta positibo tasak eta R0 indizeak ere gora egin dute.
Txertatze eremuak
Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila bihar hasiko da COVID-19aren aurkako txertaketa kanpainarekin, eta gaur jakinarazi du non emango dituzten lehenbizikoz txertoak. Araban, Gasteizko Ajuria egoitzan hasiko dira txertaketarekin; Bizkaian, Elorrioko laguntza zentroan; eta Gipuzkoan, Hondarribiko Caser Betharram egoitzan. Hain zuzen, txertoaren 405 dosi emango dituzte lehen egunean, eta astero 16.000 iritsiko direla aurreikusten da, 193.050era iritsi arte.
|
2020-12-26
|
https://www.berria.eus/albisteak/191582/ume-motxiladunen-egoera-salatzeko-kalejira-egin-dute.htm
|
Politika
|
Ume motxiladunen egoera salatzeko kalejira egin dute
|
Martuteneko espetxetik Loiolara egin dute martxa dozenenaka lagunek. Urrunketa + Covid-19 = umezurtz lelopean egin dute protesta.
|
Ume motxiladunen egoera salatzeko kalejira egin dute. Martuteneko espetxetik Loiolara egin dute martxa dozenenaka lagunek. Urrunketa + Covid-19 = umezurtz lelopean egin dute protesta.
|
Martuteneko espetxetik hasi, eta Loiolaraino (Donostia, Gipuzkoa) egin dute martxa hainbat lagunek goizean, ume motxiladunen egoera salatzeko. Sare Herritarrak deitu zuen kalejira egitera, «urrunketagatik eta osasun egoeragatik gurasoak kartzelan dituzten haurrak umezurtz» gelditu direla salatzeko. Patinetean joan nahi dut aita/ama ikustera leloa zuen pankarta eraman dute martxan zehar, eta umeek patinetez egin dute martxa. «Urte luzez, haur eta nerabe asko bidaia amaigabeak egitera behartuak izan dira beren aitari, amari edo biei muxu bat eman ahal izateko; aurten, ordea, bizi izan dugun pandemiaren eraginez, oztopo berri bat agertu da motxiladun umeen eta haien guraso presoen arteko harremanean», salatu dute.
Sare Herritarraren arabera, 86 ume motxiladun dira, guztira. Pandemiarengatik, euskal presoak «inoiz baino isolatuago daude». Eskubide urraketak «are bortitzagoak» izaten ari dira, eta «haien etxetik gertuen dagoen espetxean egotea» dagokiela esan du Sarek. Hain zuzen, horregatik aldarrikatu dute «motxiladun umeek haien aita, ama edo biak bisitatzera joateko bidaia patinetez egiteko eskubidea dutela».
Urtarrilaren 9ko mobilizazioa ere izan dute gogoan antolatzaileek. Egun horretan mobilizatzeko deia egin diote Euskal Herriari. Ipar Euskal Herriko hainbat lekutan, Plazak Argitu ekinaldia ere egin dute gaur, Bakegileek deituta, urtarrilaren 9an Baionan eginen duten giza katearen iragartzeko.
|
2020-12-27
|
https://www.berria.eus/albisteak/191611/hasi-dira-txertoa-jartzen.htm
|
Gizartea
|
Hasi dira txertoa jartzen
|
Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako zahar etxe banatan hasi da txertaketa kanpaina. Zenbait egoiliarri eta langileri jarri diete txertoa. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, berriz, urtarrilaren 4an hasiko dira.
|
Hasi dira txertoa jartzen. Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako zahar etxe banatan hasi da txertaketa kanpaina. Zenbait egoiliarri eta langileri jarri diete txertoa. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, berriz, urtarrilaren 4an hasiko dira.
|
Gaur hasi da COVID-19aren aurkako txertaketa kanpaina Hego Euskal Herrian. Pfizer eta BioNTech botika etxeen txertoak jaso dituzte administrazioek, eta zahar etxeetatik ekin diote kanpainari; izan ere, lehen fasean arrisku taldeek izango dute lehentasuna, egoera zaurgarrian dauden taldeek. Iruñeko El Vergel egoitzako 70 urteko egoiliar bati jarri diote lehenengoa. Han dauden 150 pertsonari jarri nahi diete txertoa.
Beste hiru zahar etxetan ere hasi dute kanpaina: Gasteizko Ajuria egoitzan, Elorrioko (Bizkaia) laguntza zentroan eta Hondarribiko (Gipuzkoa) Caser Betharram zahar etxean. 405 emango dituzte gaur, eta, hemendik aurrera, astero 16.000 txerto jartzeko asmoa du Eusko Jaurlaritzak, 193.000ra iritsi arte.
Txertoaren lehen dosiak 10:00ak aldera iritsi dira. Egoiliarrei eta langileei jarri diete, eta txertoa jaso dutenak hamabost minutuz utzi dituzte osasun langileen zaintzapean, badaezpada ere. Txerto horrek bi dosi behar ditu, eta lehenengoa jaso eta 21 egunera jarriko diete bigarrena.
Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidentea El Vergelen izan da, kanpainaren hasieran, eta hedabideei adierazi die «itxaropena eta ilusioa» piztu dizkiola txertoak, nahiz eta ohartarazi duen txertoarekin ez dela osasun krisia desagertuko, eta «hilabeteetako» lana dagoela aurretik. Hain zuzen, haren gobernuak atzo jakinarazi zuen ez dituela segurtasun neurriak malgutuko Urtezahar gauean, datuen goranzko joera «argia eta nabarmena» delako.
Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak adierazi du txertoa jasota beste aro bat hasiko dela COVID-19ari aurre egiteko lanean. Osasun Sailak 405 dosi jaso ditu gaur, aurrerapen bat, zahar etxeetan banatzeko: 104 Araban, 85 Bizkaian eta 180 Gipuzkoan. Aurreikuspenen arabera, astero 16.000 dosi inguru jasoko dituzte.
|
2020-12-27
|
https://www.berria.eus/albisteak/191612/297-positibo-atzeman-dituzte-hegoaldean-eta-tasa-53ra-jaitsi-da.htm
|
Gizartea
|
297 positibo atzeman dituzte Hegoaldean, eta tasa %5,3ra jaitsi da
|
Osakidetzak eta Osasunbideak 5.556 PCR eta antigeno proba egin dituzte. Nafarroako Gobernuak bi heriotzaren berri eman du.
|
297 positibo atzeman dituzte Hegoaldean, eta tasa %5,3ra jaitsi da. Osakidetzak eta Osasunbideak 5.556 PCR eta antigeno proba egin dituzte. Nafarroako Gobernuak bi heriotzaren berri eman du.
|
Atzo bezperan baino test gehiago egin zituzten Hego Euskal Herrian, eta orduan baino positibo gutxiago atzeman. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak jakinarazi dute 297 pertsonari detektatu dietela COVID-19a, egindako 5.556 probaren artean. Positibo tasa %5,3 da, beraz; aurreko egunean baino apalagoa.
Bizkaian atzeman dute positibo gehien: 111 (bezperan baino hamabi gutxiago); Nafarroan, 72 (–11); Gipuzkoan, 71 (+8); eta Araban, 40 (–3). Datuak bezperakoen parekoak dira, hortaz.
COVID-19a zuten 29 paziente ospitaleratu zituzten atzo Hegoaldean, eta, egun, 105 paziente daude zainketa intentsiboetako unitatean.
Nafarroako Gobernuak adierazi du atzo 79 urteko emakume bat hil zela gaitzaren eraginez, eta aurreko egunetan 82 urteko beste andre bat ere bai.
Gaur iritsi da COVID-19aren kontrako txertoa Euskal Herrira, eta zahar etxe batzuetako egoiliar eta langileei jarri diete dagoeneko.
|
2020-12-28
|
https://www.berria.eus/albisteak/191613/altuna-iiia-txapeldun.htm
|
Kirola
|
Altuna III.a txapeldun
|
Jokin Altunak bigarrenez lortu du lau eta erdiko txapela, Erik Jakari 22-9 irabazi ondoren. Erasokor jokatu du amezketarrak hasieratik, eta aurkaria defentsan aritzera behartu du
|
Altuna III.a txapeldun. Jokin Altunak bigarrenez lortu du lau eta erdiko txapela, Erik Jakari 22-9 irabazi ondoren. Erasokor jokatu du amezketarrak hasieratik, eta aurkaria defentsan aritzera behartu du
|
Hiru urteren ondoren, berriz ere lau eta erdiko txapela burura eraman du Jokin Altunak. Hasi eta buka bikain jokatuta, 22-9 irabazi dio Erik Jakari Bilboko Bizkaia pilotalekuan, eta kaiolako distantzia laburrean pilotaririk onena dela berretsi du. Partidaren hasieran zalantza bat edo beste izan badu ere, azkar agertu du bere jokoa amezketarrak, eta erabat nagusitu zaio Jakari. Piloten ezaugarriak ezin hobeto baliatu ditu irabazleak, eta abiadura izan du arma nagusi. Hanken eta besoen freskotasunari esker, bizi ibili du pilota etengabe, eta ez dio ezertarako aukerarik eman kontrarioari. Hala, ondo merezita jantzi du txapela, eta duela hiru aste buruz buruko finala galduta hartu zuen kolpeari buelta eman dio. "Inoiz baino txapeldunago sentitzen naiz. Zulotik atera behar hori aberasgarria izan da, eta txapel honek ilusio berezia egiten dit. Erasokor jokatu dut, ausart, eta etxean pentsatuta neukan gidoia ongi atera zait", adierazi du partida amaieran.
Neurketako lehen hiru tantoak Jakak egin ditu. Sakea baliatuta, ohiko jokoa egin du lizartzarrak, eta ikusten zen partida edonork irabaz zezakeela. Kikildu beharrean, ordea, gora egin du Altuna III.ak, eta gain hartu dio aurkariari. Sakea eskuratu bezain laster agintzen hasi da, eta bosnakoa izan da partidako azken berdinketa. Hortik aurrera jaun eta jabe izan da txapelduna. Ezker-eskuin azkar mugitu du pilota, eta Jakak berak ohikoa duen jokoa egin du amezketarrak. Erasora jo du bi aldiz pentsatu gabe, eta defentsan aritzea tokatu zaionetan ere azkar mugitu ditu hankak. Lehen atsedenaldi luzera 12-5 iritsi da aurretik.
Handik bueltan ez da aldatu partidaren joera. Bere horretan jarraitu du Altuna III.ak, eta Jakari ez dio erasora pasatzeko aukerarik eman. Sufritzen aritu da lizartzarra, aurkariaren musikarekin dantzan, eta tantoa egin zezakeen aukera bakanetan ere ez du asmatu. 16-5ekoa izan da adibide garbiena. Alde batera eta bestera mugiarazi du Altuna III.ak, eta azkenean tantoa irabazleak berak egin du. 18-5ekoarekin iritsi da bigarren atsedenaldia. Azken txanpan, Jakak bizpahiru tanto eder egin ditu, baina amezketarra ez da bere tokitik atera. Ondo baino hobeto amaitu du partida (22-9).
Titulua irabazita, lau eta erdian bigarren txapela izan du Altuna III.ak. Bosgarren finala jokatu du jarraian, eta jada bi txapel baditu etxean. Kontuan izan behar da oraindik 24 urte besterik ez dituela. Jakak, bestalde, pozik egoteko motiboak baditu, aurtengo urtean buruz buruko txapela eskuratu baitu, eta lau eta erdikoan bigarren postua. Penaz agertu da bukaeran. "Partida hau jokatzea ez da gutxi, baina pena daukat erraz galdu dudalako. Berak oso ondo jokatu du, baina nik ez dut ezertan asmatu. Joko azkar horretan aurrera egin dut beti, baina izan dira pilotakada batzuk atzera egin beharrekoak, eta zalantza asko izan ditut. Halere, hobetzen jarraitzeko ilusioa daukat".
Lau eta erdikoa amaituta, datorren astean abiatuko da binakako txapelketa, eta gaurko bi protagonistak parte hartzaile izango dira. Datorren asteartean egingo dute aurkezpena, eta han emango dute bikoteen berri.
|
2020-12-28
|
https://www.berria.eus/albisteak/191614/israelek-kokaleku-gehiago-eraikiko-ditu-zisjordanian.htm
|
Mundua
|
Israelek kokaleku gehiago eraikiko ditu Zisjordanian
|
AEBetako presidente Donald Trumpek kargua utzi aurretik plan berri bat aurkezteko asmoa du Tel Avivek.
|
Israelek kokaleku gehiago eraikiko ditu Zisjordanian. AEBetako presidente Donald Trumpek kargua utzi aurretik plan berri bat aurkezteko asmoa du Tel Avivek.
|
Zisjordania anexionatzeko asmoz Israelek kokaguneak eraikitzea ez da berria, 1967an hasi baitzen Palestinako eremu okupatuetan halako lanak egiten. Orain, Israelgo Auzitegi Gorenak haietako bat eraisteko agindu eta hilabetera, beste milaka etxebizitza eraikitzeko beharrezko tramiteak abiatu dituzte. Asmoa da horiek eraikitzeko agindua Donald Trumpek Etxe Zuria utzi aurretik argitaratzea, Planifikazio eta Eraikuntza Kontseiluaren arabera.
Israelek Trumpen aurkitu du gura zuen bazkidea. Izan ere, AEBek Israelen lurralde gisa aitortu zituzten hark Palestinako lurretan eraikitako kokalekuak, otsailean aurkeztutako bake planean. Erabaki hark haserrea sortu zuen Palestinan, baina Mike Pompeo AEBetako presidenteordeak azaroan kokaleku batera eginiko bisitak Trump presidentearen asmoak berretsi zituen. Gauzak hala, babes hori aprobetxatu nahi du Israelek, urtarrilean Joe Biden demokrata Etxe Zurira iritsi aurretik, eta, KAN telebista katearen arabera, hurrengo bi asteetan egingo dute publiko etxebizitza gehiago eraikitzeko plana.
Orain Bakea GKE gobernuz kanpoko erakundeak salatu du Trump AEBetako presidentetzara iritsi zenetik ugaritu egin direla Palestinako lurretan eraikitako kokalekuak. Nazioarteko zuzenbidearen aurka, 1967an Israelek Zisjordania, Gaza eta Golango gainak okupatu zituenetik, milaka etxebizitza eraiki ditu Israelek Palestinaren lurretan. 2012ko datuen arabera, 531.000 kolono bizi ziren Zisjordanian, eta egungo kopurua handiagoa dela uste da. Kokaleku horietako batzuk, gainera, legez kanpokoak dira Israelgo auzitegien arabera ere.
|
2020-12-30
|
https://www.berria.eus/albisteak/191615/koronabirus-berrogeialdi-dioxina-urteko-hitzen-zerrenda-osatu-du-berriak.htm
|
Gizartea
|
'Koronabirus', 'berrogeialdi', 'dioxina'... urteko hitzen zerrenda osatu du BERRIAk
|
Aurtengo hitzen zerrenda bat prestatu du BERRIAko euskara taldeak. Urte guztia bezala, koronabirusak eragindako osasun larrialdiak baldintzatu du hori ere.
|
'Koronabirus', 'berrogeialdi', 'dioxina'... urteko hitzen zerrenda osatu du BERRIAk. Aurtengo hitzen zerrenda bat prestatu du BERRIAko euskara taldeak. Urte guztia bezala, koronabirusak eragindako osasun larrialdiak baldintzatu du hori ere.
|
Amaitzear den 2020. urte honek protagonista bakarra izan du hasi eta buka: koronabirusa, eta hark eragindako ondorioak, izan osasun arlokoak, sozialak, politikoak edo ekonomikoak. Hala erakusten du BERRIAn gehien irakurritako albisteen bildumak. Koronabirusaren datuen albistea irakurri da gehien BERRIAren webgunean, eta, gehien irakurritako 60en artetik, erdiak baino gehiago gaiaren ingurukoak dira. Horrek eztabaidarako tarte txikia utzi du urteko hitza zein izan den erabakitzeko garaian, besteak beste UZEI saiatu den arren beste hitz batzuk aipatzen, gaitzarekin zerikusirik izan gabe jendearen ahoan bolo-bolo ibili direnak: arrakala orgasmiko, lawfare, hondale, okupa… 24ko zerrenda bat osatu arte.
BERRIAko euskara taldeak ere bere zerrenda osatu du, urtarriletik abendura bitarte, hilabetez hilabete, herritarrek gehien erabili dituzten hitzetako batzuekin.
Koronabirusa
Urtea ez dago beste hitz batekin hasterik: koronabirusa. Urtarrilean, ordea, urruneko zerbait zen. Wuhan izeneko hiri batean zabaldutako birus baten berri iritsi zen Euskal Herrira: SARS-CoV-2a. Urtarrilaren 23rako, birus hark hamazazpi lagunen heriotza eragin zuen. OME Osasunaren Mundu Erakundea birusaren inguruko bilerak egiten hasi zen, eta, Mendebaldeko agintariek arriskutsua ez zela adierazi arren, OMEk nazioarteko larrialdia ezarri zuen urteko lehen hilabetea amaitu aurretik.
Halere, koronabirusa ez da birus bakar bat, multzo bat baizik, besteak beste arnasbideetako gaixotasun batzuk eragiten dituena. Egunerokoan, ordea, SARS-CoV-2 motakoa izendatzeko erabili izan da. Beste zenbait izen ere hartu ditu COVID-19 gaitzaren eragileak: Wuhango koronabirusa eta 2019-nCoV birusa.
Dioxina
COVID-19aren eraginik larrienak Euskal Herrira iritsi aurretik, ezbehar batek bete zituen berripaperen azalak otsailaren 6tik aurrera. Arratsalde hartan amildu zen Eitzagako zabortegia (Zaldibar, Bizkaia). Bi langile desagertu ziren, hondakinen azpian harrapatutatuta. Gertaerak eragina izan zuen inguruko herrietan ere. Zabortegian piztutako suteek dioxina eta furano mailen igoera eragin zuela adierazi zuten agintariek; normala den baino 40-50 aldiz handiagoa. Hala, etxeko leihoak ahalik eta gutxien irekitzea eta aire zabalean kirolik ez egitea gomendatu zitzaien Ermuko (Bizkaia) eta Eibarko (Gipuzkoa) herritarrei.
Zer dira, ordea, dioxinak? Esteban Abad Holdago CISCeko kimikariak azaldu zion orduan BERRIAri: «Errekuntza prozesu bat badago, dioxinak sortuko dira, eta behar luketen baino askoz ere gehiago izango dira... Nolanahi ere, dioxinak oso toxikoak dira; kontrolatu egin behar dira maila apaletan ere».
JON URBE / FOKU
Berrogeialdia eta konfinamendua
Martxoarekin batera hasi ziren COVID-19 kasuak ugaltzen Euskal Herrian. Eta, horrekin batera, neurriak iritsi ziren. Hego Euskal Herriko biztanleek lehenik, eta Iparraldekoek gero, etxean geratzeko agindua jaso zuten, ezinbesteko jarduerak egiteko izan ezik. Lurralde osoan konfinamendua ezarri zen, beraz.
Ordurako, martxan zegoen beste neurri bat berrogeialdia zen, garaiaren eta gobernuaren arabera epeak ezberdinak izan diren arren. Hura da hasieran ezarri eta oraindik ere indarrean diren eginbeharretako bat, kutsatua izan bazara, edo gaitza izan duen norbaitekin kontaktuan egonez gero. Martxoan, gainera, Felix Arrieta Deustuko Unibertsitateko irakasleak hitzaren jatorria azaldu zuen BERRIAn, izen bereko artikuluan.
Maskara
Apirilera arte, ohikoagoa zen maskara hitza inauteri giroarekin lotzea, eguneroko beharrezko tresna batekin baino. Geroztik, ordea, ezinbesteko bihurtu da etxetik ateratzeko. Konfinamendua ezarrita zegoela hasi zen beharrezko izaten, besteak beste erosketak egitera edo medikuarenera joateko. Hala, hainbat eta hainbat lagun duela zortzi hilabetetik aurpegia elkarri ikusi gabe uzteraino.
Fasea
Lehena, bigarrena, hirugarrena... atzera bigarrenera, eta berriz aurrera. Zer egin daiteke orain? Zenbat irauten dute? Eta zer dator gero? Konfinamendua arintzeko plan bana aurkeztu zuten Espainiako eta Frantziako gobernuek maiatzean, eta horiek izan ziren euskal herritarrek konfinamendua uzteko osatu behar izan zituzten bideak. Ez, ordea, buruhausterik gabeak. «Normaltasun berrirako» bide mailakatuak, fasez fase eginiko hark, unean-uneko egoeraren aldaketei begira egonarazi zituen asko eta asko, biharamunean zer egin zezaketen eta zer ez jakiteko. Batez ere, lehenengotik bigarrenerako jauzi hartan; tabernak ireki zituztenekoan.
IÑIGO URIZ / FOKU
Agerraldia
Kazetarien eguneroko lanean ohikoa da alderdi, erakunde edo gizarte mugimenduen agerraldien berri ematea, baina hitz horrek beste zentzu bat hartu du pandemian. Hainbeste denbora etxean igaro ostean, eta udako eguzkiaren gerizpean, bazirudien egoerak hobera egingo zuela. «Ohiko bizitzara» itzultzearekin batera, ordea, han eta hemen handituz joan zen koronabirusak erasandakoen kopurua: Basurtuko agerraldiak bederatzi gaixo berri eragin ditu ospitaletik kanpo; Berako lantegi bateko agerraldia «kontrolpean» dago, Indurainen arabera; Murgak dio agerraldiak «kontrolatuta» dauzkatela...
Derrigorrezkoa
Pixkanaka, herritarrak batean eta bestean maskara erabiltzera ohitzen ari zirenean iritsi zen erabakia, uztailean: Maskarak erabiltzea derrigorrezkoa izango da Hego Euskal Herrian. Aurrez ere bazen derrigortasuna garraioan, leku itxietan, saltokietan... baina erabaki hark are gehiago aldatu zuen kale paisaia. Kirola egiten edo tabernan jan-edanean ari ez zen edonork jantzi beharko zuen maskara, derrigor.
Ez-jaiak
Uda, oporraldia izateaz gain, hiri eta herrietako jaien garaia ere bada. Aurrez joan ziren, besteak beste, sanferminak eta Baionako bestak ere. Eta abuztuan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiriburuen txanda iritsi zen. Hala, BERRIAk, gainerako herritarrek bezala, buelta bat eman behar izan zien festetarako plangintzei. Hala, festarik gabe, baina haiek gogoan, beste batzuek hartu zuten protagonismoa: Luis Mokoroa, Donostiako Aste Nagusiari hasiera emateko lehen kanoikada eman zuena; Baionan besta eta borroka ezkondu zituzten urteak; Mari Puri Herrero eskultorearen eta Marijaiaren artekoak...
IÑIGO URIZ / FOKU
Bigarren olatua
Uztailean hasi zen, eta urrian indar hartu. Agintarien eta herritarren solas eta elkarrizketetan, ordea, irailean hasi zen nagusitzen, hondartza denboraldia amaitu ostean. Agintariak pozik zeuden kostaldeko herrietan hartutako neurriekin, baina hurrengo hilabeteetan zer eragin izan zuten? Zer gertatu zen udan? Nola pasatu zen agerraldietatik olatura? Datuen bidez, bigarren olatuaren argazki orokor bat eskaintzen saiatu zen BERRIA.
Bazetorren eragotzi nahi zen olatu hori, eta mundu osoan eragin zuen, gainera. Gaitzak hainbat herrialde behartu zituen itxialdia arindu ordez berriz ere konfinamendua ezartzera.
Etxeratze agindua
Konfinamendurik gabe baina mugimenduak murriztuz erantzun zioten gobernu gehienek bigarren olatuari. Gauez etxetik irteteko debekua, berriz, urriaren amaieran itzuli zen Euskal Herrira. Herritarren ahotan zen berriz etxeratze agindua: «Noizko egon behar dugu etxean?», zen galdera. Urriaren 24an ezarri zuten Ipar Euskal Herrian, eta 27an Hegoaldean.
Jan-edan guztiak ere etxean egiten hasi behar izan zuten herritarrek, jatetxeak eta tabernak atzera itxi baitzituzten. Egoera «odoluste bat» zela zioten ostalariek.
Txertoa
Azaroa hasi zenean, bazirudien COVID-19aren aurkako txertoa urrun zegoela oraindik. AstraZeneca botika etxeak, adibidez, esan zuen martxo erdialderako egon zitekeela txertoa. Pfizer heldu zen arte: AEBetako botika etxeak azaroaren 10ean esan zuen kasuen %90etan eraginkorra den txerto bat zuela. Hortik aurrera, konpainiek bata bestearen atzetik eman zituzten COVID-19aren kontrako txertoen eraginkortasunari buruzko albisteak.
«Neurri batean, horixe bihurtu da azken egunotan txertoen garapena: ikuskizun». Hala azaldu zuen Ana Galarraga Aiestaran Elhuyarreko zientzia dibulgatzaileak orduan gertatzen ari zena. Informazio olatu hark hainbat galdera, zalantza eta mesfidantza ere eragin zituen, eta Jakes Goikoetxea kazetariak erantzun zien haiei.
GORKA RUBIO / FOKU
Brexit-a
Urte osorako balioko luketen hitzetako bat da brexit-a. Erresuma Batua Europako Batasunetik urtarrilaren 31n atera zen ofizialki, eta trantsizio epe bat hasi zen orduan: 11 hilabetez, haren arauei eta merkatuari lotuta jarraituko zuen, bien arteko etorkizuneko harremana negoziatu bitartean. Azkenean, ordea, etxeko lanak azken egunerako uzten dituen ikaslearen moduan osatu dute ituna Londresek eta Bruselak: akordioa prest daukate, eta urtarrilaren 1ean indarrean jartzeko pausoak ematen dihardute azken egunetan.
|
2020-12-28
|
https://www.berria.eus/albisteak/191616/bangladeshek-beste-mila-errefuxiatu-rohingya-lekualdatuko-ditu-uharte-batera.htm
|
Mundua
|
Bangladeshek beste mila errefuxiatu rohingya lekualdatuko ditu uharte batera
|
Gobernuak entzungor egin die giza eskubideen aldeko hainbat erakunderen ohartarazpenei.
|
Bangladeshek beste mila errefuxiatu rohingya lekualdatuko ditu uharte batera. Gobernuak entzungor egin die giza eskubideen aldeko hainbat erakunderen ohartarazpenei.
|
Abendu hasieran egin bezala, datozen egunetan rohingya errefuxiatuen beste talde bat eramango du Bangladeshek uharte batera. Zehazki, Bhasan Char irlara lekualdatuko ditu: Bengalako badian dago, kontinentetik 45 kilometro ingurura. Bertan, rohingyentzako errefuxiatu kanpamentua eraiki du herrialdeko gobernuak. Hilaren lehen egunetan, 1.600 errefuxiatu inguru lekualdatu zituen uharte horretara, eta hurrengo egunetan beste mila inguru eramango ditu.
NBE Nazio Batuen Erakundeak esana du Bangladeshek ez diola baimenik eman Bhasan Charreko kanpamendua ikuskatzeko, eta ez zuela parte hartu errefuxiatuen lekualdatzean abenduaren hasieran.
Gobernuak ziurtatu du uhartera joatea hautazkoa dela errefuxiatuentzat, eta Bhasan Charreko kanpamenduak arindu egingo duela Cox´s Bazar hiriaren ondoan dagoen errefuxiatu guneko gainpopulazioa. Milioi bat rohingya baino gehiago bizi dira han.
Errefuxiatuek eta horiekin lanean ari diren giza eskubideen aldeko elkarteek, ordea, uhartera joatera behartzen dituztela salatu dute. Bhasan Char uhartea duela hogei urte azaleratu zen itsasotik, eta zikloi garaian ugariak izaten dira uholdeak han.
Rohingya errefuxiatuek Bangladeshera jo zuten Myanmarren jasan duten indarkeriatik ihesi. Bangladesheko Gobernuak beren herrialdeetara itzularazteko saiakerak egin ditu, baina porrot egin dute, rohingyak Myanmarren berriz ere jazarriak izateko beldur direlako.
|
2020-12-28
|
https://www.berria.eus/albisteak/191617/jaurlaritzak-uste-du-sei-hilabete-barru-lor-daitekeela-talde-immunitatea.htm
|
Gizartea
|
Jaurlaritzak uste du sei hilabete barru lor daitekeela talde immunitatea
|
Bingen Zupiria bozeramaileak adierazi du txerto gehiago homologatzeak txertaketa prozesua bizkortuko duela. Halere, ezarrita dauden neurriak arintzearen aurka egin du, Gabonak eta birusaren aldaera berria direla medio.
|
Jaurlaritzak uste du sei hilabete barru lor daitekeela talde immunitatea. Bingen Zupiria bozeramaileak adierazi du txerto gehiago homologatzeak txertaketa prozesua bizkortuko duela. Halere, ezarrita dauden neurriak arintzearen aurka egin du, Gabonak eta birusaren aldaera berria direla medio.
|
Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriak uste du sei hilabete nahikoa izan daitezkeela talde immunitatea lortzeko. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Nafarroan bezala, atzo jarri zituzten lehen txertoak, eta txerto gehiagoren homologazioak prozesua azkartuko duelakoan dago Zupiria. Satse sindikatuak, berriz, baliabideak eta langile gehiago eskatu ditu egoki egin ahal izateko.
Zupiriak, Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean, adierazi du Pfizerren txertoaren banaketa eten egin dela une batez, enpresak Belgikan duen egoitzan gertatutako arazo logistiko baten eraginez. Bart gauen jakinarazi zioten Jaurlaritzari bihar goizean Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara iritsi behar ziren 16.000 txertoek atzerapen bat izango dutela. Zupiriak, ordea, enpresaren aldeko hitzak izan ditu, eta hura egiten ari den «ikaragarrizko ahalegina» azpimarratu du, baita «txertaketa kanpaina ikaragarri hau eraginkortasunez egin ahal izateko beharrezkoak diren garraio, mantentze eta kontserbazio sistemena». Haren esanetan, halakoak gerta daitezke gerora ere, eta nabarmendu du itxaron egin beharko dela txertoa herritar gehienengana iristeko: «Munduan inoiz ez bezalako txertaketa kanpaina bati aurre egiten ari gara».
Oraingoz, Pfizer etxearena da Europako Medikamentuen Agentziak baliozkotzat jo duen bakarra, baina datorren aste eta hilabeteetan gehiago homologatzea espero du Jaurlaritzak, eta pixkanaka horiek ere banatzen hastea. Txerto berriak iritsi bitartean «kontu handiz» aritu beharra azpimarratu du. Hala, segur aski, talde immunitatea sei hilabete barru posible izango dela azpimarratu du, txertoak eskuratzeko eskaintza handiago bat egongo delako.
Txertaketa «erronka kolektibo» gisa definitu du bozeramaileak, eta, lehen txertoak jaso dituztenak «seguruago» sentituko direla uste duen arren, «taldea babesteko» lanean jarraitu beharra adierazi du.
Azken asteetako datuei dagokienez, Zupiriak esan du «egoera arintzen» ari dela, urriaren hasierako datuetara gerturatuz. Halere, osasun neurriei eustearen alde agertu da, Gabonek eragin ditzaketen ondorioen esperoan. Era berean, kezka adierazi du azken asteetan agertu den aldaera berriagatik ere, eta adierazi du haren ondorioak «gogorragoak» izan daitezkeela.
Lan «titanikoa»
Satse sindikatuko bozeramaile Amaia Mayorrek txertaketa aurrera eramateko «baliabide eta langile falta» dagoela salatu du Onda Vascan. Egun, txertoak lehen mailako arretako beharginek jartzen dituzte, eta horrek lan «titaniko» bat egitera behartzen ditu profesionalak, Mayorren esanetan. Izan ere, txertaketaz ez ezik, PCR eta antigeno probak egiteaz ere langile horiek arduratzen dira, eta egungo egoeran bi lanak uztartu beharrak eta gainerako zerbitzuak ere eskaintzeak «ardura» sortzen diela azaldu du Mayorrek.
Erizainak txertoekin lan egitera ohituta daudela nabarmendu du, eta Pfizerrenak eskatzen duen mantentze prozesuaren gaineko formakuntza ere jaso dutela. Kualifikazioa ez, beraz. «Erizain falta». Hori da, Satseren ustez, txertaketaren «segurtasuna eta kalitatea» bermatzeko falta dena: «Lehen mailako arreta oso justu dago. Denbora daramagu langile eta baliabide falta salatzen, eta pandemiak egoera okertu du».
|
2020-12-28
|
https://www.berria.eus/albisteak/191618/trumpek-azkenean-sinatu-du-milioika-estatubatuar-laguntzeko-suspertze-plana.htm
|
Ekonomia
|
Trumpek azkenean sinatu du milioika estatubatuar laguntzeko suspertze plana
|
AEBetako jarduneko presidenteak bost egunez egin dio uko Kongresuaren 900.000 milioi dolarreko plana sinatzeari. Bitarte horretan, hamar milioi langabe baino gehiago gelditu dira laguntza gabe. AEBetako Administrazioaren itxiera ere eragotzi du sinadurak.
|
Trumpek azkenean sinatu du milioika estatubatuar laguntzeko suspertze plana. AEBetako jarduneko presidenteak bost egunez egin dio uko Kongresuaren 900.000 milioi dolarreko plana sinatzeari. Bitarte horretan, hamar milioi langabe baino gehiago gelditu dira laguntza gabe. AEBetako Administrazioaren itxiera ere eragotzi du sinadurak.
|
Azkenera arte eutsi dio mehatxuari. Donald Trumpek egunetan izan du blokeatua AEBetako Kongresuaren 900.000 milioi dolarreko suspertze plana, bere mesederako aldaketak nahi zituelako hura jasotzen zuen lege sortan. Jarduneko presidenteari berdin izan zaio bost egunez bere sinaduraren zain estu eta larri edukitzea milioika estatubatuar. Baina, azkenean, Mar-a-Lagoko (Florida) bere luxuzko bulegoan eseri, eta sinatu egin du «zoritxarreko» irizten zion plana. «Omnibus eta COVID-19 sorta hau sinatu dut Kongresuarentzako mezu argi batekin: erretira ditzala xahutze hutsa diren legearen puntuak».
Errukitu egin ote da Trump? Analista zenbaiten ustez, Alderdi Errepublikanoaren azken orduko deiak aintzat hartu ditu Trumpek, izan ere, Georgian bi senatari aukeratzeko hauteskundeak hor dauden oraindik. Urtarrilaren 5ean egingo diren boz horietan jokoan dago Alderdi Errepublikanoak AEBetako Senatuko gehiengoari eustea.
Trumpek bart gauean sinatutako lege sortan, batetik, pandemiaren kalteak arindu eta ekonomia suspertzeko plana onartu da. Besteak beste, enplegurik gabeko pertsonentzako laguntzak beste 50 aste luzatuko ditu, eta langabezian gelditu direnentzat sariak astean 300 dolar gehiagorekin osatuko ditu.
Hori bai, Trumpek plana sinatzeari uko egin dion tarte honetan, 10-14 milioi herritarren langabezia sarietarako bi programa bertan behera gelditu dira. Legea indarrean jartzen denean leheneratuko dira programa horiek. Beste 30 milioi estatubatuar ere larri ibili dira; izan ere, Trumpen blokeoak urte berrira arte iraun izan bazuen, etxegabetzeak eragozten dituen betoa indargabetuko zen.
Suspertze planak enpresak ere lagunduko ditu, nominak ordaintzeko. Milioika dolar joango dira eskoletara, alokairuetarako laguntzetara eta elikagai kupoietara ere.
600 dolarretik 2.000ra
Suspertze planaren beste ikur bat ordainketa bakarreko txekeak dira, herritar guztiei banatzekoak. Laguntza planak errepublikanoen babesa izan zezan, demokratek txekeak 600 dolarrekoak izatea onartu zuten. Baina gaur bertan, demokratek Kongresuan beste bozketa baterako deia egin dute, kopurua 2.000 dolarrera igo dadin. Errepublikanoek onartuko dute orain? Ez dago batere argi. Trumpek berak bart gauean aipatu du 2.000 dolarreko ordainketaren aldekoa dela, nahiz eta aurretik bere mugimendu guztiak 600 dolarreko txekeen aldekoak izan.
Pandemiak herrialdea gogor jotzen duen bitartean, suspertze planari soilik ez, AEBetako Administrazioarentzako finantzazioari betoa jartzeko mehatxua ere egin du jarduneko presidenteak. Omnibus sortan doan 1,4 bilioi dolarreko lerro hori gabe, gaur gauean administrazio horietako funtzionario eta langileen soldatak bertan behera geldi zitezkeen. Behin sinatuta, AEBetako Administrazioarentzako diruak ziurtatuta daude irailera arte.
|
2020-12-28
|
https://www.berria.eus/albisteak/191619/istiluak-gogortu-egin-dira-rojavan-eta-milaka-herritarrek-ihes-egin-dute-etxetik.htm
|
Mundua
|
Istiluak gogortu egin dira Rojavan, eta milaka herritarrek ihes egin dute etxetik
|
Azken egunetan areagotu egin dira liskarrak Turkiak babesten duen SNA Siriako Armada Nazionalaren eta kurduek gidatzen duten SDF Siriako Indar Demokratikoen artean.
|
Istiluak gogortu egin dira Rojavan, eta milaka herritarrek ihes egin dute etxetik. Azken egunetan areagotu egin dira liskarrak Turkiak babesten duen SNA Siriako Armada Nazionalaren eta kurduek gidatzen duten SDF Siriako Indar Demokratikoen artean.
|
Eztandak eta tiroak entzuten dira edonoiz Rojavako Ain Issa hirian, Siriaren menpeko Kurdistanen. Indartu egin dira Turkiak babesten duen SNA Siriako Armada Nazionalaren —Siriako Gobernuaren kontrako matxino islamistak— eta kurduek gidatutako SDF Siriako Indar Demokratikoen arteko erasoak, eta Turkiak esku hartu du. Arriskutik ihesean, 9.500 herritarrek etxea utzi dute. Ankarak eta SDFk su-etenean jasotako konpromisoak urratzea leporatu diote elkarri.
Turkiarekiko mugan dagoen Tel Abyad hiritik 45 kilometro ingurura dago Ain Issa. Tel Abyad muga zaintzeko gune estrategiko bihurtu zuen Ankarak, 2019ko urrian, Bakearen Iturria operazioa delakoan hiria kontrolpean hartu zuenean.
«Segurtasun eremu bat» eratzeko erasoaldia izan zen Turkiarena. Helburua zen mugatik 30 kilometro hegoaldera indar kurdurik gabeko tarte bat ziurtatzea. Recep Tayyip Erdoganen gobernuak «terroristatzat» ditu SDFren gidari diren YPG Herriaren Babes Unitate kurduak, eta AEBek emandako aukera baliatu zuen horiek mugatik aldentzeko. Donald Trump presidente estatubatuarrak bere armada Siria iparraldetik erretiratu zuenean hasi zuen erasoaldia. AEBen erabakia eztabaidatua izan zen. Kurduak Washingtonen aliatu nagusiak izan ziren Estatu Islamikoaren kontrako borrokan, baina AEBek armada erretiratuta Turkiaren aurrean salduta utzi zituztela interpretatu zuten neurriaren kontrakoek.
Turkiak AEBen eta Errusiaren onarpena lortu zuen mugaren hegoaldean «segurtasun eremua» ezartzeko. Turkiak AEBekin iazko urriaren 17an adostu zuen su-etenak hala jasotzen du, baita Errusiarekin bost egun geroago sinatu zuenak ere. Azken itun horretan zehaztu zuten Erdoganek eta Vladimir Putin Errusiako presidenteak «segurtasun eremuak» hartuko zuen lurraldea. M-4 autobideak banatzen ditu Turkiaren eta SDFren kontrolpeko lurrak. Bi aldeek elkarri leporatu diete dagokien esparrua gainditzea, eta, beraz, su-etenaren ituna urratzea.
Hiri estrategikoa
SDFk adierazi duenez, Turkiak erasoak areagotu ditu abenduan, Ain Issa hiriaren inguruetako «kontaktu lerro guztian». Bereziki, azken bi asteetan indartu dira enfrentamenduak, SDFren arabera. Ankara lurralde berriak eskuratu nahian ari dela salatu du.
Turkiak, aldiz, M-4tik iparraldera dauden indarrei eraso egitea leporatu dio YPGri, eta esku hartzea erabaki du. Ankarak YPGko hogei kide «neutralizatu» zituela adierazi du gaur, eta beste hamabost kide «neutralizaturen» berri eman zuen atzo. Recep Tayyip Erdoganen gobernuak «neutralizatutzat» jotzen ditu hildako, preso hartutako edo agintarien esku utzitako arerio militarrak.
SDFk uste du Ain Issa kontrolpean hartzeko asmotan dagoela Turkia. Hiri estrategikoa da ikuspegi militarretik. M-4 autobidearen ondoan dago, eta errepide hori Siriako nagusienetako bat da: Irakeko muga, Alepo hiria eta Siriako kostaldea lotzen ditu. Horrez gain, Rojavako aginte autonomoaren egoitza nagusiak eta haren menpeko erakundeenak Ain Issan daude. SDFren iritziz, Ankarak Rojavaren proiektu politikoa suntsitu nahi du.
Ain Issa hiriak 7.089 biztanle zituen joan den maiatzean, NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera. Hiria hustu egin da azken bi asteotan, erasoen ondorioz. Rojavako aginte autonomoak jakinarazi du 6.500 herritarrek utzi dutela Ain Issa, eta etxetik ihes egin dutela inguruetako beste 3.000 lagunek ere, abenduaren erdialdeaz geroztik. Gehienek Raqqa hirirantz jo dute.
|
2020-12-28
|
https://www.berria.eus/albisteak/191620/confebaskek-ere-ez-du-espero-2021ean-galdutako-jarduera-osorik-berreskuratzea.htm
|
Ekonomia
|
Confebaskek ere ez du espero 2021ean galdutako jarduera osorik berreskuratzea
|
Hamar enpresatik zazpik enplegua mantentzea aurreikusten dute; bik, gutxitzea; eta bakar batek, handitzea.
|
Confebaskek ere ez du espero 2021ean galdutako jarduera osorik berreskuratzea. Hamar enpresatik zazpik enplegua mantentzea aurreikusten dute; bik, gutxitzea; eta bakar batek, handitzea.
|
Uste zabalduarekin bat egin du Confebaskek 2021erako aurreikuspenak aurkeztean. Horren arabera, hastear dagoen urtean suspertze «bizia» izango du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiak, baina ez aurten galdutako jarduera eta enplegua berreskuratzeko adina.
Hiru lurraldeetako patronalak biltzen dituen elkarteak kalkulatu du aurten %9,2 jaitsiko dela barne produktu gordina. Espainiako datua (-%11) baino datu hobea izango dela nabarmendu du, baina baita eurogunekoa baino okerragoa ere (-%7,2). Mugikortasunari, kulturari eta aisiari lotutako zerbitzuak izan dira kaltetuenak, baina «atzerrira oso irekita dagoen» industriak ere kolpe handia jaso du, hala nola aeronautikak, petrolio findegiek eta ekipo ondasunak.
«Aurrekaririk gabeko atzeraldi baten ondoren», Confebaskek datorren urterako espero du BPGa %7,2 haziko dela, eta, hortaz, 2022ra arte itxaron beharko dela ekonomia pandemiaren aurreko mailara iristeko, «euroguneko herrialdeetan gertatzen denarekin batera, eta Espainiako ekonomiarako aurreikusten den baino urtebete lehenago».
Edonola ere, Confebaskek oroitarazi du pandemiaren etorkizunari buruz ziurgabetasun handia dagoela, eta horrek baldintzatu egingo duela ekonomiaren bilakaera. Horregatik, zehaztu du hazkundea %5 eta %8,5 artean egon daitekeela, eta %7,2ko iragarpena «jokaleku nagusia» baizik ez dela.
Sektoreka, 2021ean denek izango dute hobekuntza nabarmena, zerbitzuen sektore pribatutik hasita, nahiz eta aisiari eta turismoari lotutako jarduerak geroago abiatuko diren. Biziki haziko dira eraikuntza eta industria ere, baina azken horren jardueraren adar batzuetan susperraldia geroago etorriko da —aeronautika eta erregaien industria—.
Enpleguari dagokionez, aurreikuspena da 2021ean enpresak orain arte galdutakoaren zati bat berreskuratzen hasiko direla, baina erritmo motelean oraindik ere. Confebaskeko lehendakari Eduardo Zubiaurrek azaldu duenez, «enplegu beharren zati handi bat aldi baterako erregulazioan jarraitzen duten pertsonak lanera itzultzen direnean beteko da —Euskadin, oraindik 30.000 inguru dira—. Horrek azaltzen du afiliatu berrietan aurreikusten den aldakuntza oso urria izatea —5.000 gehiago baino ez dira izango—. 2021eko langabezia tasa ere ez da aldatuko, eta aurtengo itxierarako aurreikusten den %11 horren bueltan geratuko da».
Patronalen inkesta
Adegik, Cebekek eta SEAk beren bazkideen artean egin dituzten inkestek diotenez, hamar euskal enpresatik seik ikusten dute euren merkatua egonkor edo suspertzen egongo dela. Gainera, hamarretik zazpik enplegua mantentzea aurreikusten dute, eta, are gehiago, hamarretik batek dio handitu egingo duela. Azkenik, hamarretik bik murriztu egingo dutela kalkulatzen dute. Enpresen pertzepzioaren hobekuntza txiki hori sektore eta tamaina guztietan agertzen da.
Enpresen kezka nagusiak dira, besteak beste, Espainiako ekonomiaren ahultasuna eta salmenten errentagarritasunaren jaitsiera. Ildo horretan, eskakizun nagusiak ohikoak dira: barruko lan malgutasuna, Gizarte Segurantzako kotizazioen murrizketa, eta erregulazioak eta likideziarako abal eta mailegu lerroak mantentzea.
|
2020-12-28
|
https://www.berria.eus/albisteak/191621/358-positibo-atzeman-dituzte-hego-euskal-herrian-eta-tasa-62an-dago.htm
|
Gizartea
|
358 positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian, eta tasa %6,2an dago
|
Positiboen kopuruak lurralde guztietan egin du gora, Nafarroan izan ezik. Gainera, sei herri eremu gorrian ezarrita dauzka Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoan eta Bizkaian.
|
358 positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian, eta tasa %6,2an dago. Positiboen kopuruak lurralde guztietan egin du gora, Nafarroan izan ezik. Gainera, sei herri eremu gorrian ezarrita dauzka Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoan eta Bizkaian.
|
Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak eskainitako datuen arabera, 5.751 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo Hego Euskal Herrian, eta 358 positibo detektatu zituzten, herenegun baino 60 gehiago. Positibo tasa ere OME Osasunaren Mundu Erakundeak aholkatutako kopuruaren gainetik dago oraindik. Hain zuzen, %5ean du ezarria muga, eta Hegoaldean egindako proba guztien %6,2k eman zuten positibo atzokoan, aurreko egunetako joerari jarraituz.
Lurraldeetako egoerari dagokionez, bezperako datuekin alderatuta, positiboen kopuruak eremu guztietan egin du gora, Nafarroan izan ezik. Zehazki, 60 kasu atzeman dituzte hor, aurreko egunean baino hamabi gutxiago. Gainerakoan, Araban, herenegun baino bederatzi kasu gehiago detektatu dituzte: 49. Bizkaian, 151 positibo egon ziren atzo, bezperan baino 40 gehiago, eta, Gipuzkoan, 94 kasu, 23 gutxiago. Beste lau positiboak EAEtik kanpo bizi diren herritarren artean atzemandakoak dira. Gainera, Jaurlaritzak eremu gorrian ezarriak ditu sei herri: Bizkaian, Arrigorriaga; Gipuzkoan, Aretxabaleta, Arrasate, Azpeitia, Beasain eta Ordizia.
Erietxeetako egoeraren berri ere eman du Jaurlaritzak, eta ohartarazi gaur-gaurkoz 288 pertsona daudela ospitaleratuta gela arruntetan eta 83 ZIU zainketa intentsiboetako unitatean. Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, gainera, agerraldia egingo du gaur eguerdian, xehetasun gehiagoren berri emateko. Nafarroako Gobernuak, berriz, arratsaldean eskaini ohi ditu datu zehatzagoak, behin betikoekin batera.
|
2020-12-28
|
https://www.berria.eus/albisteak/191622/eusko-jaurlaritzak-itzultzaile-neuronalaren-beste-tresna-bat-aurkeztu-du.htm
|
Gizartea
|
Eusko Jaurlaritzak itzultzaile neuronalaren beste tresna bat aurkeztu du
|
Itzuli+ tresnak webguneetako euskarazko eta gaztelaniazko testuak itzultzen ditu berehala, eta itzulitako testuak irakurtzen ditu. Dagoeneko 3.700 herritarrek deskargatu dute.
|
Eusko Jaurlaritzak itzultzaile neuronalaren beste tresna bat aurkeztu du. Itzuli+ tresnak webguneetako euskarazko eta gaztelaniazko testuak itzultzen ditu berehala, eta itzulitako testuak irakurtzen ditu. Dagoeneko 3.700 herritarrek deskargatu dute.
|
Eusko Jaurlaritzak Itzuli+ aurkeztu du, Itzuli itzultzaile automatikoarentzako tresna berri bat. Orain arteko aukerak zabaltzen ditu: webguneetako euskarazko eta gaztelaniazko testuak itzultzen ditu berehala, eta itzulitako testuak irakurtzen ditu. Horrez gain, aukera ematen du itzulitako testua eta jatorrizkoa irakurtzeko. Gaur goizean aurkeztu dute lanabes berria Donostian, eta bertan izan dira Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordea eta Xabier Arrieta Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien zuzendaria. Dagoeneko 3.700 erabiltzaile inguruk deskargatu dute Itzuli+.
Ohar bidez nabarmendu dutenez, Itzuli+ «oso tresna gomendagarria» da testuak egiteko nahiz itzultzeko: «Ikasleek eta gurasoek maiz erabiltzen dute itzulpenetarako, eta, halaber, oso erabilgarria izan daiteke esparru akademikoetan eta erakunde publikoekiko komunikazioetan». Gainera, uste dute testuen itzulpena eta jatorrizkoa irakurtzeko aukera ematea «aukera interesgarria» dela interprete lanetarako eta ikusmen urritasuna edo dislexia dutenentzako.
Azaldu dute tresna berriak Interneten dauden hainbat tresna bildu dituela: Itzuli itzultzaile neuronala; Elhuyar, Morris eta Collins hiztegiak; euskarazko Wikipedia; eta ahotsaren sintesia. «Automatikoki lotzen da Itzuli itzultzailearekin, eta aukera ematen du hainbat hiztegirekin —baita alemanezkoarekin ere— eta Wikipediarekin ere konektatzeko». «Erraz eta intuizioz» erabiltzen dela ziurtatu dute: web orri batean paragrafo bat edo gehiago aukeratzen dituzte erabiltzaileek, eta, itzuli ikonoan klik egin ondoren, itzulpen automatikoa ematen du; beta aukera sakatuz gero, berriz, testua itzulita entzun dezakete. Gaur-gaurkoz, Firefoxen eta Chromen dago eskuragarri.
'Itzuli' itzultzailean oinarrituta
Itzuli itzultzaile neuronalean du jatorria aurkeztu berri duten tresnak. Itzuli-k dagoeneko aukera ematen du itzulpenak egiteko euskaratik gaztelaniara, frantsesera eta ingelesera, baita alderantziz ere. Iazko urrian jarri zuten martxan, eta ordutik «erabilera zabala» izan duela azpimarratu dute. Datu bat eman dute horren erakusgarri: 41.158.630 itzulpen edo kontsulta izan ditu 2019ko urritik 2020ko azarora.
Nabarmendu dute itzultzaile neuronal hori hainbat urtetako lanaren emaitza dela, eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak hogei urtean bildutako itzulpen memoriak erabiliz ezarritakoa dela: «Itzulpengintzan —euskaratik gaztelaniara eta gaztelaniatik euskarara egindako itzulpengintzan batez ere— pilatutako eskarmentu handiari esker, oso datu base terminologiko eta linguistiko zabala lortu da». Horri esker, nabarmendu dutenez, Itzuli-k «kalitate handia» izatea lortu dute.
|
2020-12-28
|
https://www.berria.eus/albisteak/191623/gipuzkoako-kostaldean-neurriak-hartu-dituzte-denboraleari-aurre-egiteko.htm
|
Gizartea
|
Gipuzkoako kostaldean neurriak hartu dituzte denboraleari aurre egiteko
|
Zarauzko malekoia itxita dago, baita Zarautz, Getaria eta Zumaia elkartzen dituen errepidea ere. Zazpi eta zortzi metro arteko olatuak izan dira. Orion, olatuek harrapatu duten gazte bat erreskatatu behar izan dute.
|
Gipuzkoako kostaldean neurriak hartu dituzte denboraleari aurre egiteko. Zarauzko malekoia itxita dago, baita Zarautz, Getaria eta Zumaia elkartzen dituen errepidea ere. Zazpi eta zortzi metro arteko olatuak izan dira. Orion, olatuek harrapatu duten gazte bat erreskatatu behar izan dute.
|
Olatuek gogor jo dute euskal kostaldea gaur, bereziki Gipuzkoan: zazpi eta zortzi metro arteko olatuak izan dira. Urola Kostan, Zarauzko Udaltzaingoak malekoia itxi du arriskurik ez izateko, eta beste hainbeste egin du Eusko Jaurlaritzako Trafiko Sailak Zarautz, Getaria eta Zumaia lotzen dituen errepidean. 15:00 aldera hartu dute neurria, eta, esan dutenez, arriskurik handiena igaro bezain pronto zabalduko dituzte biak.
Oraingoz, Ertzaintzak jakinarazi duen ezbehar bakarra Orion (Gipuzkoa) gertatu da. Goizeko hamaika eta erdiak aldera, korrika entrenatzen zebiltzan Zarauzko Arraun Elkarteko sei arraunlari Orioko barran: olatu batek haietako bat harrapatu, eta bota egin du. Lau metro ingurutik erori da gaztea, eta anbulantzia batek ospitalera eraman behar izan du, buruan kolpe gogor bat hartu duela eta.
|
2020-12-28
|
https://www.berria.eus/albisteak/191624/europako-kohesio-programetarako-574-milioi-iritsiko-dira-hego-euskal-herrira.htm
|
Ekonomia
|
Europako kohesio programetarako 574 milioi iritsiko dira Hego Euskal Herrira
|
Gizarte zerbitzuak eta osasun sistemak indartzeko erabili behar da diru hori.
|
Europako kohesio programetarako 574 milioi iritsiko dira Hego Euskal Herrira. Gizarte zerbitzuak eta osasun sistemak indartzeko erabili behar da diru hori.
|
Hasi da Europako diru laguntzen banaketa. Espainiako Gobernuko Ogasun Ministerioak jakinarazi du REACT-EU programatik jasoko dituen 10.000 milioi euroak nola banatuko dituen autonomia erkidegoen arabera. Euskal Autonomia Erkidegora 426 milioi bideratuko ditu, eta Nafarroara, 148 milioi, datozen bi urteetarako.
Diru laguntza horiek lehentasunez, hezkuntza, osasuna eta gizarte zerbitzuak indartzeko erabiliko dira, baita COVID-19aren krisiagatik kaltetutako enpresa txiki eta ertain eta autonomoei laguntzeko ere.
Egun indarrean dauden Europako Batasunaren kohesio programen bidez banatuko dira laguntzak, Espainiako Gobernuak zein autonomia erkidegoetakoek kudeatzen dituztenak: adibidez, eskualdeen garapenerako funtsaren bidez eta Europako gizarte funtsaren bidez. Horien bitartez enplegua sustatzen da, bereziki gazteenen artean, eta enpresa txiki eta autonomoak laguntzen dira.
Horrez gain, osasun sistemako lehen mailako arreta indartzeko eta osasun teknologiak berritzeko erabiliko dira laguntza horiek. Kasu horretan, Osakidetzak eta Osasunbideak garatuko dituzte planak.
REACT-EU funtsa Europako Batzordeak aurtengo uztailean onartutako laguntza sorta zabalago baten parte da. Guztira, 750.000 milioi euro dira. Kopuru horretatik 140.000 milioi dagozkio Espainiari, eta horren parte dira atzo erkidegoen artean banatutako 10.000 milioi euroak. Sorta zabal horren barruan dago, halaber, Next Generation plana, egitasmo ekonomikoak bultzatzekoa: 76.724 milioiko aurre esleipena lortu du Madrilek. Autonomia erkidegoek euren proiektuen zerrendak aurkeztu behar dituzte orain: Eusko Jaurlaritzak astearte honetan ezagutaraziko ditu bereak.
|
2020-12-31
|
https://www.berria.eus/albisteak/191625/koronabirusaren-datuen-albistea-irakurri-da-gehien-berriaren-webgunean.htm
|
Gizartea
|
Koronabirusaren datuen albistea irakurri da gehien BERRIAren webgunean
|
Koronabirusaren pandemiarekin lotutako albisteak nagusitu dira 2020an gehien irakurrien zerrendan, BERRIAren webgunean. COVID-19aren izurria izan da urteko ustekabeko gai nagusia, eta haren inguruko albisteek bereganatu dute gehien irakurleen arreta.
|
Koronabirusaren datuen albistea irakurri da gehien BERRIAren webgunean. Koronabirusaren pandemiarekin lotutako albisteak nagusitu dira 2020an gehien irakurrien zerrendan, BERRIAren webgunean. COVID-19aren izurria izan da urteko ustekabeko gai nagusia, eta haren inguruko albisteek bereganatu dute gehien irakurleen arreta.
|
BERRIAren webgunean, 2020an gehien irakurritako 60 albisteen zerrendan, erdiak baino gehiago (34) COVID-19aren inguruko albisteak dira. Guztien artean, koronabirusaren azken datuak grafikoetan landu dituen albistea nabarmendu da. Gehien irakurritakoa izateaz gain, orain arteko marka guztiak hautsi ditu: 286.000 ikustaldi baino gehiago bildu ditu Koronabirusaren azken datuak izenburuko albisteak. BERRIAren webgunearen historian ikustaldi gehien izan duen artikulua da. Irakurketa denbora ikaragarria ere bereganatu du: guztira, 24.000 ordu baino gehiago.
Zerrendako bigarren tokian dagoen albisteak ere zerikusia du koronabirusaren datuekin. Birusaren zabalkundea mapa interaktibo batean erakusten du, eta, guztira, 90.000 ikustaldi baino gehiago jaso ditu hilabeteotan. Pandemiaren datuak landu dituzten bi albiste hauek biziak izan dira: etengabe eguneratu dira, eta tarteka berrituak izan dira, grafikoak eta mapak egokituz. Hirugarren eta laugarren albisteak pandemiari aurre egiteko neurriei buruzkoak dira. Bata maiatzekoa, lehen fasera pasatzeko garaikoa, eta bestea, urrikoa, bigarren olatuari aurre egiteko asmoz Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herri guztiak ixteko erabakiaren berri ematen zuena.
Dena ez da izan izurria 2020an. Gehien irakurritako hamar albisteen artean, adibidez, beste gai batzuk ere ageri dira: Zaldibarko zabortegiaren tragediaren harira garraiolari batek BERRIAri eskainitako lekukotasuna, Joan Mari Torrealdairen heriotza, eta Igor Gonzalez Sola euskal presoaren heriotza.
Honako hauek dira gehien irakurritako hamar albisteak:
1. Koronabirusaren azken datuak 2. Koronabirusaren egoera herriz herri 3. Jaurlaritzak mugatu egingo du lehen fasea, eta ez du utziko herri batetik bestera joaten 4. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herri guztiak itxiko dituzte 5. «Inork nahi ez zituen hondakinak joaten ziren Verterrera» 6. Ez adiorik, aita 7. Zer egin daiteke astelehenetik aurrera? 8. Intelektual bat Euskal Herriari 9. Koronabirusaren datuak, udalerrika 10. Igor Gonzalez Sola euskal presoa hilik agertu da bere ziegan, Martutenen
Zerrendako gainerako 50 artikuluei begiratuz gero, gehienak koronabirusarekin lotuta daude, baina haien artean badago aniztasuna, kazetaritza mota ezberdinen erakusle. Batzuk azken ordukoak dira, neurri eta erabakien berri ematen dutenak (mugimenduari buruz, hezkuntza grebari buruz, elkartzeko gehienezko kopuruari buruz, maskararen erabilerari buruz…). Beste batzuk neurrien inguruko albiste argigarriak dira: Zer egin daiteke «normaltasun berrian»?, Bigarren faserako jakin beharrekoak, edo Alarma egoera: zer egin liteke, eta zer ez?. Beste batzuk lekukotasunak dira (hildako baten familiaren gutuna, gaixotasuna gainditu duen pertsona baten bizipenak…). Beste batzuk, praktikoak: Noraino irten kilometro bateko eremuan, Itxialdia euskaraz goxatzeko 50 proposamen… Badago gogoetara bideratutako erreportaje bat, hainbat adituren iritziekin osatua: Nola aldatuko du koronabirusak mundua?. Edo desinformazioari aurre egin nahi dion bat: COVID-19aren uste ustelak.
Koronabirusarekin zerikusirik ez duten albisteei dagokionez, aipatutakoez gain, beste bi heriotza ageri dira 60ko zerrendan: Jose Luis Zumeta margolariarena eta Lucio Urtubia anarkista historikoarena. Halaber, bi elkarrizketa aurki daitezke: Lander eta Zigor Garro anaiei egindakoa eta Josu Urrutikoetxea ETAren ordezkari ohiari egindakoa. Badira lau analisi eta iritzi ere.
Aipatzekoak dira, gainera, Kepa Arkauz, Ekhiñe Eizagirre eta Imanol Jaioren atxiloketei buruzko albistea; Maddalen Iriartek umetan jasotako abusuen aitorpenari buruzkoa; eta Diego Perez de los Cobos guardia zibilarengandik jasotako torturen berri emanez Pello Alcantarillak BERRIAri eskainitako lekukotasuna. Ez dira falta zerrendan sare sozialetan oihartzuna izan duten gaiak: Samuel L. Jacksonek euskaraz esandako hitzak, Julian Iantziren inauterietako iragarkia edo Joxean Tolosaren kaleratzea.
2020an irakurleen arreta gehien bereganatu duten 60 artikuluen zerrenda orrialde berezi batean ikus dezakezu osorik: Gehien irakurriak 2020an.
|
2020-12-29
|
https://www.berria.eus/albisteak/191653/matxinoek-800-hautesleku-itxi-zituzten-afrika-erdiko-errepublikako-bozetan.htm
|
Mundua
|
Matxinoek 800 hautesleku itxi zituzten Afrika Erdiko Errepublikako bozetan
|
Gobernuaren kontrako talde armatuek boto emaileak mehatxatu zituzten igandeko hauteskundeetan, eta bozkalekuetako arduradunak blokeatu zituzten.
|
Matxinoek 800 hautesleku itxi zituzten Afrika Erdiko Errepublikako bozetan. Gobernuaren kontrako talde armatuek boto emaileak mehatxatu zituzten igandeko hauteskundeetan, eta bozkalekuetako arduradunak blokeatu zituzten.
|
Talde matxinoen mehatxupean egin zituzten hauteskundeak joan den igandean Afrika Erdiko Errepublikan. Gobernuaren kontra altxatu den CPC Aldaketarako Abertzaleen Koalizioak —hainbat talde armatuk abenduaren 19an eratutako aliantza— ohartarazi zuen bozak eragozten ahaleginduko zela, Faustin-Archange Tuadera presidenteak «iruzurra» egiteko antolatu dituela iritzita. Matxinoek 800 bozkaleku ingururen itxiera behartu zuten; herrialde osoan zabaldu ziren hauteslekuen %14, hauteskunde batzordeak atzo adierazi zuenez.
«Hainbat herritan anker tratatu dituzte dituzte boto emaileak: heriotzarekin mehatxatu dituzte. Hauteslekuetako langileei beren egitekoa galarazi diete», adierazi zuen Theophile Momokuama hauteskunde batzordeko agintariak. Afrika Erdiko Errepublikaren mendebaldean izan dira eraso gehienak: Carnot, Nola eta Bambari hirietan.
Bozen emaitzak ez dira publiko egin oraindik. Hauteskunde batzordearen esanetan, eskualdeetako emaitzak jasotzeko zain daude, datu guztiak batu ahal izateko.
CPCko matxinoek joan den astean adierazi zuten Bangira iristeko martxa hasia zutela, hiriburuan bozka eragozteko, baina Afrika Erdiko Errepublikako indar ofizialek, Nazio Batuen Erakundeko kasko urdinek —12.000 ditu herrialdean—, eta Errusiak eta Ruandak bidalitako soldaduek bidea moztea lortu zuten. Hala ere, matxinoak gai izan dira hauteskundeak galarazteko zenbait eremutan.
Oposizioak bozak atzeratzeko eskatu zion Tuadera presidenteari, herrialdean «bakea eta segurtasuna ezarri arte». Gobernuak entzungor egin dio eskari horri, eta Auzitegi Konstituzionalak bide beretik jo du oposizioak bozak egitearen kontra aurkeztu dituen salaketa guztiak baztertuta.
Tuadera da hauteskundeetako faborito nagusia. Haren aurkaririk indartsuena izan zitekeen Francois Bozize presidente ohia —erbestetik itzuli zen iaz—, baina Auzitegi Konstituzionalak haren hautagaitza debekatu zuen hilaren hasieran, argudiatuta herrialdeko justiziak nazioarteko hainbat krimen leporatzen dizkiola eta NBEk ezarri dizkion zenbait zigor indarrean dituela. Gainera, gobernuak estatu kolpe bat prestatzen aritzea leporatu zion presidente ohiari, matxino talde armatuek Bangi hiribururako hainbat errepide itxi zituztenean. Bozizek ukatu egin ditu gobernuak egotzi dizkionak.
Bozak egin dituzte, baina Afrika Erdiko Errepublikako egoera ezegonkortzeko arriskuan da, indarkeriaren gorakadaren eta zatiketa politikoaren ondorioz. Batez ere, oposizioak eta CPC talde matxinoen koalizioak bozen emaitzak ez onartzea erabakiko balute. Horregatik, garrantzi handia izango du parte hartzearen datuak. Emaitzari zilegitasuna aitortzeko ala ukatzeko euskarri sendoa izan daiteke eta.
|
2020-12-29
|
https://www.berria.eus/albisteak/191654/madrilek-ez-du-igoko-gutxieneko-soldata.htm
|
Ekonomia
|
Madrilek ez du igoko gutxieneko soldata
|
Espainiako Gobernuak hitzemana zuen handituko zuela, baina atzera egin behar izan du, patronalaren presioagatik eta gobernuaren barruko iritzi ezberdinengatik. Langileen kotizazio oinarrietan eragiten duen erabaki bat da.
|
Madrilek ez du igoko gutxieneko soldata. Espainiako Gobernuak hitzemana zuen handituko zuela, baina atzera egin behar izan du, patronalaren presioagatik eta gobernuaren barruko iritzi ezberdinengatik. Langileen kotizazio oinarrietan eragiten duen erabaki bat da.
|
Lanbide arteko gutxieneko soldatan ez da igoerarik izango. Gaurko Ministroen Kontseiluan, Espainiako Gobernuak onartuko du aurten ezarritako kopuruari eustea: hilean 950 euro, hamalau ordainsaritan. Gobernuak adierazi zuen urtarrilaren 1ean berriz igoko zuela, baina azkenean ez da horrela izango.
Gobernua osatzen duten bi alderdien artean eztabaida egon da horri buruz. Unidas Podemos-IUko Yolanda Diazen Lan Ministerioak eutsi egin nahi zion hitzemandakoari, elkarrizketa sozialaren mahaian patronalarekin akordioa ez lortuta ere. Baina, azkenean, PSOEren esku dauden Ekonomia eta Ogasun ministerioen jarrera gailendu da: «oraingoz» ez da igoerarik egongo, COVID-19aren krisiak administrazioaren kontuetan eragin duen zuloak ez duelako horretarako tarterik ematen, gobernuak argudiatu duenez.
Hainbat urtez igoera txikiak egin edo izoztuta eduki ondoren, 2018an Pedro Sanchezen gobernuak (PSOE) 900 euroan jarri zuen (%23,3ko igoera). Gobernu itunak dio legealdia amaitzean batez besteko soldataren %60 izan behar duela: 1.166 euro.
Gobernua, zatituta
Aurtengo otsailean gobernuak %5,5 igo zuen (950 euro), eta horri bide eman zion dekretua luzatuko du orain, Lan Ministerioak hala eskatuta, aurtengo erabakiari «segurtasun juridikoa» emateko: Diazen lantaldeak ulertzen du hala egingo ez balute airean geratuko litzatekeela aurten lortutakoa.
Luzapen horrekin, halaber, Lan Ministerioak Elkarrizketa Sozialerako Mahaian abiatutako negoziazioak luzatu nahi ditu Espainiako sindikatu eta patronal nagusiekin, igoeraren aldeko irtenbide bat bilatzeko. Lortuko balute, atzerako eraginarekin aplikatzeko aukera emango luke dekretu horrek. Baina formalismo hutsean gera daiteke. Izan ere, orain erabat blokeatuta dago aukera hori, patronalak argi eta garbi esan baitu ez duela halakorik onartuko: gutxieneko soldata izoztea eskatu zuen, eta jaistea proposatu zuen duela bi asteko bileran.
Horren ostean eginiko agerraldian, Lan eta Ekonomia Sozialeko idazkari Joaquin Perez Reyk esan zuen gobernuak igotzeko asmoari eusten ziola, baina aitortu zuen jarrera ezberdinak zeudela gobernuaren barruan. Adierazi zuen igotzeko erabakia patronalaren babesik gabe ere har zitekeela. Astelehen honetan ziren berriz biltzekoak patronalekin eta sindikatuekin, baina Lan Ministerioak ez zituen deitu.
Langile guztiei eragiten die
Pentsioak bezala, gutxieneko soldata urtarrilaren 1ean eguneratu behar da. Pentsioek %0,9ko igoera izango dute 2021ean, eta Lan Ministerioaren asmoa zen kopuru hori edo oso antzekoa aplikatzea gutxieneko soldatari ere: 9 euro gehiago hilean, 959 euro denera. Sindikatuek 1.000 eurora igotzea proposatu zuten. Azkenean, honela geratuko da lanbide arteko gutxieneko soldata: 31,6 euro egunean, 950 euro hilean, eta 13.300 euro urtean. Legezko lanaldiarekin, aldi baterako langileen kasuan, haien zerbitzuak ez badira 120 egunetik gorakoak, 44,99 euro egunean. Etxeko langileen kasuan, 7,43 euro lanordu bakoitzeko.
Lanbide arteko gutxieneko soldatari buruzko erabakiak langile guztiei eragiten die, haien pentsioei zehazki. Eta enpresariei, kotizazio oinarriekin lotura zuzena daukalako, gutxieneko kotizazio oinarriarekin, alegia. Gutxieneko soldataren igoeraren ehuneko bera aplikatzen da. Gaur egun, gutxieneko kotizazio oinarria 1.108 eurokoa da lanbide kategoria gehienentzat. Igoera horrek soldata kostuak handitzea dakar: otsaileko igoerak urteko 262 euroko gainkostua ekarri zuen langile bakoitzeko (44 euro beharginaren kontura eta 219 enpresaren kontura).
Azken egunetan patronalak hainbat datu eta mezu zabaldu ditu: egungo egoeran lanbide arteko soldata igotzeak milaka lanpostu galtzea ekarriko zuela. Astelehenean, Confebask Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako patronaleko presidente Eduardo Zubiaurrek esan zuen ez dela «garai egokia» gutxieneko soldata «asko» igotzeko, eta, igoz gero, enpresen produktibitate maila kontuan hartuta igo beharko litzatekeela, «eta ez lege dekretuen bidez, eta presaka».
|
2020-12-29
|
https://www.berria.eus/albisteak/191655/bost-lagun-atxilotu-dituzte-euskal-herrian-haur-pornografia-zabaltzeagatik.htm
|
Gizartea
|
Bost lagun atxilotu dituzte Euskal Herrian haur pornografia zabaltzeagatik
|
Espainiako Poliziak egin du operazioa, eta 40 lagun atzeman dituzte denera: hiru Bizkaian, bat Araban, eta beste bat Gipuzkoan. Gehienak adingabeak dira.
|
Bost lagun atxilotu dituzte Euskal Herrian haur pornografia zabaltzeagatik. Espainiako Poliziak egin du operazioa, eta 40 lagun atzeman dituzte denera: hiru Bizkaian, bat Araban, eta beste bat Gipuzkoan. Gehienak adingabeak dira.
|
Espainiako Poliziak 40 lagun atxilotu ditu haur pornografia zabaltzeagatik. Horietatik hiru Bizkaian atzeman dituzte, bat Araban, eta beste bat Gipuzkoan. Poliziak jakinarazi duenez, atxilotuetatik 34 adingabeak dira.
Poliziaren esanetan, sare sozial bat baliatzen zuten haurren material pornografikoak zabaltzeko. Hala, sare soziala izan zen, AEBetako NCMEC Adingabe Desagertu eta Esplotatuentzako Zentro Nazionalaren bitartez, hainbat erabiltzaileren aurkako salaketa jarri zuena. Era berean, agentzia horrek Espainiako Poliziari ohartarazi zion ustez prostituzio eta adingabekoen galbideratze delituak egiten ari zitezkeela Espainian, Herrialde Katalanetan eta Euskal Herrian. Modu horretan, 51 lagun identifikatzea lortu zuten, 45 adingabe tartean. Zazpik ez zituzten 14 urte material hori zabaldu zutenean.
Ikerketaren ostean, denera, 40 lagun atxilotu dituzte —gehienak adingabeak—: 22 Espainian, hamahiru Herrialde Katalanetan, eta bost Euskal Herrian. Atxilotuen etxeetan eginiko miaketen eta haiek eginiko adierazpenen ostean, Poliziak azaldu du haietako askok «dibertimendu hutsez» egiten zutela, irudi horiek «eduki eta zabaltzearen larritasunaz jabetu gabe».
|
2020-12-29
|
https://www.berria.eus/albisteak/191656/kazetarien-hilketa-selektiboek-gora-egin-dutela-salatu-du-rsf-elkarteak.htm
|
Mundua
|
Kazetarien hilketa selektiboek gora egin dutela salatu du RSF elkarteak
|
Mugarik Gabeko Kazetariak elkarteak urteko txostenaren bigarren zatia aurkeztu du gaur. 2020an gutxienez 50 kazetari hil dituztela adierazi du. Gehienak, «bakean» dauden herrialdeetan.
|
Kazetarien hilketa selektiboek gora egin dutela salatu du RSF elkarteak. Mugarik Gabeko Kazetariak elkarteak urteko txostenaren bigarren zatia aurkeztu du gaur. 2020an gutxienez 50 kazetari hil dituztela adierazi du. Gehienak, «bakean» dauden herrialdeetan.
|
Kazetarien kontrako eraso hilgarrien artean, geroz eta gehiago dira berriemaileen aurka berariaz prestatutakoak, RSF Mugarik Gabeko Kazetariak elkartearen aurtengo txostenak dioenez. Txostenaren lehen zatia abenduaren 14an aurkeztu zuten, eta espetxeratu, bahitu edo desagerrarazi dituzten kazetariei buruzko azterketaren emaitzak jaso zituzten bertan. Bigarren zatiak jardunean hildako kazetariei buruzko informazioa bildu du. RSFk ohartarazi du munduan ahultzeko arriskuan dela informazio eskubidea.
Azaldu duenez, beheranzko joeran dago oraindik gerretan edo «eraso terroristetan» hildako kazetarien kopurua. Aldiz, gorakada sumatu dute kazetarien hilketa selektiboetan. 50 hildakoetatik 40 gisa horretako erasoetan hil dituztela jakinarazi dute.
Duela lau urteko datuekin alderatu dituzte aurtengoak. 2016an, jardunean hildako kazetarien %58 zendu ziren gatazka guneetan. Aurten, %32 dira gerretan —Sirian eta Yemenen— eta «maila ertain edo baxuko gatazketan» —Afganistanen eta Iraken— hildakoak. Hau da, hilketen bi heren baino gehiago «bakean» dauden herrialdeetan gertatu dira. Bereziki, Mexikon —zortzi hildako—, Indian eta Pakistanen —launa hildako—, eta Hondurasen eta Filipinetan —hiruna hildako—.
Eraso ankerrak
Krimen horietako batzuk bereziki ankerrak izan direla nabarmendu du RSFk. Mexikon, El Mundo egunkariko Julio Valdivia Rodriguez kazetaria burua moztuta aurkitu zuten, Veracruz estatuan, eta Victor Fernando Alvarez Punto x Punto Noticias egunkari digitaleko zuzendariaren gorpua, zatituta, Acapulco hirian.
Indian, Rakesh Singh Nirbhik, Rashtriya Swaroop egunkariko kazetaria erregaiz blaitu zuten, eta su eman zioten bizirik zela. Herrialde berean, Isravel Moses telebista berriemailea aihotz kolpez hil zuten.
Iranen, urkatu egin zuten Ruhollah Zam Amadnews Telegrameko albiste kanalaren arduraduna. 30 urte ziren kazetari bati zigor hori ezartzen ez ziotela.
«Publikoaren zati batek uste du kazetariak bere jardunari dagozkion arriskuen biktimak direla, baina geroz eta gehiago dira gai delikatuei buruz ikertzen edo horien berri ematen ari direnean jasotzen dituzten erasoak. Informaziorako eskubidea ahuldu da, eta hori gizaki ororen eskubidea da», ohartarazi du Christophe Deloire RSF elkarteko idazkari nagusiak.
Informazio esparrurik arriskutsuena ustelkeriarekin lotutakoa da oraindik ere. Hamar hildako utzi ditu 2020an. Mafiari eta talde kriminalei buruzko auzien ikerketei lotutako beste lau hildako izan dira. Biak izan ohi dira arlorik arriskutsuenak. Aurten, baina, gorakada izan da protesten berri ematen ari ziren hildako kazetarien artean. Zazpi izan dira, guztira: hiru Iraken, beste bat Iraken menpeko Kurdistanen, bi Nigerian eta bat Kolonbian.
Gatazkan diren herrialdeen artean, Afganistanen kasua nabarmendu daiteke, azken urtean gutxienez zazpi kazetari hil baitituzte eraso selektiboetan. Horietatik bost, azken bi hilabeteetan. Bi berriemaile beren autoetan jarritako lehergailuak zartarazita hil dituzte. Beste bostak, hurbiletik jotako tiro batez.
Azken erasoa joan den astean gertatu zen. Rahmatullah Nekzad freelance berriemailea eta Ghazni kazetarien sindikatuko burua hil zuten. Gobernuak talibanei egotzi zien krimena, baina horiek ukatu egin dute erantzule direla.
|
2020-12-29
|
https://www.berria.eus/albisteak/191657/sute-batek-kalte-larriak-eragin-ditu-tolosako-etxebizitza-batean.htm
|
Gizartea
|
Sute batek kalte larriak eragin ditu Tolosako etxebizitza batean
|
Ganbaran hasi da sua, eta kalte larriak eragin ditu azken solairuan. Ez da inor zauritu
|
Sute batek kalte larriak eragin ditu Tolosako etxebizitza batean. Ganbaran hasi da sua, eta kalte larriak eragin ditu azken solairuan. Ez da inor zauritu
|
Sute bat piztu da gaur goizaldean Tolosako (Gipuzkoa) Santa Lutzia auzoko etxe batean. Haren ganbaran, zehazki. Suak kalte larriak eragin ditu azken solairuan eta teilatuan. Goierriko eta Oriako suhiltzaile taldeak bertaratu dira hura amatatzera. Etxeko lau bizilagunek etxea utzi behar izan dute, baina ez da inor zauritu, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak adierazi duenez.
Suhiltzaileek jakinarazi dute abisu bat jaso dutela 03:12an, etxebizitza sutan zegoela adieraziz. Hala, 05:14rako egoera kontrolatua zutela adierazi dute.
|
2020-12-29
|
https://www.berria.eus/albisteak/191658/sarek-216-herritan-eskatuko-du-urruntze-politika-bertan-behera-uzteko.htm
|
Politika
|
Sarek 216 herritan eskatuko du urruntze politika bertan behera uzteko
|
Urtarrilaren 9ko mobilizazioa Euskal Herri osoko 216 herritara eramango du plataformak. Euskal presoei ezarritako urruntze politika amaitzea ez ezik, gradu progresioei bide ematea ere galdegingo dute.
|
Sarek 216 herritan eskatuko du urruntze politika bertan behera uzteko. Urtarrilaren 9ko mobilizazioa Euskal Herri osoko 216 herritara eramango du plataformak. Euskal presoei ezarritako urruntze politika amaitzea ez ezik, gradu progresioei bide ematea ere galdegingo dute.
|
Urtero Bilbon eta Baionan egiten dituen mobilizazio handiak Euskal Herriko beste 214 herritara ere zabalduko ditu Sarek aurten. Pandemia dela eta, jendea ez pilatzeko, urtarrilaren 9an Euskal Herriko ehunka herritan mobilizatzeko deia egin du, guztietan aldarri berarekin: Bidea gara lelopean, urruntze politika amaitzea eta euskal presoei gradu progresiorako modua ematea eskatuko dute. Gaur Bilbon egindako agerraldi batean azaldu dutenez, guztira 216 herritan izango dira mobilizazioak; askotariko protesta moldeak erabiliko dituzte (giza kateak, mosaikoak, manifestazioak...), baina protesta bateratua abiaraziko dute denetan: Argiztatutako bidea izenpean, mugikorreko argiak pizteko deia zabalduko diete herritarrei, eta horren argazkiak herriz herri zabalduko ditu plataformak.
Egunean bertan, Bilboko Euskaldunan bilduko dira alor sindikal, sozial eta politikoko ordezkari nagusiak, "agertutako adostasunak eta elkarbizitzaren alde egindako urratsak" azpimarratzeko eta "bidea batera egiten jarraitzeko" mezua luzatzeko, Bego Atxa Sareko bozeramaileak azaldu duenez. Sareren iritziz, gizartearen partetik jasotako "aldaketa nahia" bezain garrantzitsua da sindikalgintzan eragileekin, arlo politikoan edota instituzionalean adostasunak lortzea. Hala ere, Atxak nabarmendu du mobilizazioak herriz herri egingo dituztela: "Anitzak izango dira, aniztasuna ez baita falta izaten sekula urtarrileko mobilizazioan".
Aldarria, berriz, bateratua izango da herri guztietan. Urruntze politika "behingoz" amaitzea eskatu du Sarek, aldaketa batzuk egin badira ere oraindik "benetako hauturik" egin ez dela iritzita. Bestalde, euskal presoei "sistematikoki ukatu izan zaien" gradu progresioari bide ematea ere eskatu du, eta gogorarazi du oraindik 107 euskal preso daudela lehen graduan, "eskubide ugari murrizten zaizkielarik".
|
2020-12-29
|
https://www.berria.eus/albisteak/191659/europako-funtsetatik-5700-milioi-euro-lortzeko-proiektuak-zerrendatu-ditu-eusko-jaurlaritzak.htm
|
Ekonomia
|
Europako funtsetatik 5.700 milioi euro lortzeko proiektuak zerrendatu ditu Eusko Jaurlaritzak
|
Next Euskadi programa onartu du Eusko Jaurlaritzak, Europako funtsekin lagundu nahi diren proiektuak zerrendatuz. 188 egitasmo dira, horietatik hamasei estrategikoak. Europatik 5.700 milioi euro nahi lituzkete haietarako, guztira 13.000 milioi eurotik gora aktibatzeko. Zerrenda Madrilera joango da orain.
|
Europako funtsetatik 5.700 milioi euro lortzeko proiektuak zerrendatu ditu Eusko Jaurlaritzak. Next Euskadi programa onartu du Eusko Jaurlaritzak, Europako funtsekin lagundu nahi diren proiektuak zerrendatuz. 188 egitasmo dira, horietatik hamasei estrategikoak. Europatik 5.700 milioi euro nahi lituzkete haietarako, guztira 13.000 milioi eurotik gora aktibatzeko. Zerrenda Madrilera joango da orain.
|
Europako funtsetatik 5.702 milioi euro lortzeko 188 proiektuko zerrenda bat egin du Eusko Jaurlaritzak Euskadi Next programan. Guztira 13.135 milioi euro «aktibatuko» lituzketen proiektuen artean, hamasei jo dituzte estrategikotzat. Haiek zerrendatzerakoan izandako irizpideen artean egon da egingarritasuna, Eusko Jaurlaritzako lehendakariak azaldu duenez. Izan ere, Europako Suspertze Funtsak jaso nahi badituzte, epeak inportanteak izango dira, egitasmo guztiek abian egon beharko dutelako 2026. urteko abendurako.
Europako funtsetarako Bruselan zein Madrilen ezarritako oinarri eta irizpideak aintzat hartuta, Euskadi Nextek zortzi alderdiren inguruan atondu ditu proiektu hautagaiak.
Osasunari eta zaintzari lortutako proiektuen artean, adibidez, 27 inbertsio egin nahi dira, eta horietatik hiru jo dituzte estrategikotzat: Gipuzkoa Advanced New Therapies Territory (GANTT); Osasunberri proiektua, COVID-19aren eta etorkizuneko pandemien kudeaketarako diagnostikoen eta terapien soluzio integrala; eta Zaintzen Ekonomia proiektua.
Bizialdi osoko prestakuntza da Euskadi Nexten beste ildo bat. Hor ez dute jaso egitasmo estrategikorik, baina zortzi inbertsio aurreikusi dituzte. Energia berriztagarrien sorkuntza izango da Next Euskadi programaren beste adar garrantzitsu bat, hamazazpi inbertsiorekin, horietatik hiru estrategikoak: Hidrogenoaren Euskal Korridorea-BH2C, Eoliko Flotagarriaren Hub delakoa, eta Hidrogenoaren balio katea garatzeko proiektua (elektrolizatzaileen ekoizpena): Iberlizer.
Mugikortasun jasangarrian ere ahalegin handia antzematen da; hogei proiektu horietatik, bost dira estrategikoak: Basquevolt gigafaktoria, Battery Pack Multimobility, Basque CCAM LAB, Mubil poloa, eta etorkizuneko mugikortasun jasangarrirako Smart Factory proiektua.
Proiektu gehien, dena den, digitalizazioa eta berrikuntza erreferentziaren azpian lerrokatu ditu Euskadi Next programak. Horietatik hiru dira estrategikoak: Basordako akuikultura ekoizpenerako lurreko parkea, Basque Research & Technology Alliance proiektua (BRTA), eta Gipuzkoa Quantum proiektua.
Hiri habitatean, berriz, 18 proiektu garatu nahi ditu programak, eta horietan estrategikotzat jo du EAEko eremuetako hiri berroneratze integrala. Habitat naturalean eta hondamendi naturalen prebentzioan ere 18 proiektu izango dira, eta estrategikoa izango da klima aldaketaren ondorioei aurre egiteko Hondamendi Naturalen aurreko Erresilientzia proiektu estrategikoa (Resina).
Ekonomia zirkularrean, berriz, hamabi inbertsio egin nahi dira; horien artean, industria lurzorua balioztatzekoa, Eusko Jaurlaritzarena.
«Agiri bizia»
Orain Madrilera bidaliko dena lehen zerrenda dela azpimarratu dute bai Iñigo Urkulluk, bai Pedro Azpiazuk: «Agiria bizia» dela, eta zabalik egongo dela aldaketa eta ekarpenetarako. Lehendakariaren arabera, orain hasiko da negoziazioa, eta, edonola ere, Europako lehen diruak ez dira iritsiko 2021 bigarren seihilekoa baino lehen.
Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak inbertsio kopuruaren tamaina ere aipatu du, aktibatu nahi diren 13.700 milioi euroei buruz: «Kopurua itzelezkoa da; gure urteko BPGaren %20 inguru da, eta inbertsioa urtero BPGaren %3,5 haziko litzateke. Ahalegin inportantea litzateke, egiaz eraldatzailea ekonomiarentzat».
|
2020-12-29
|
https://www.berria.eus/albisteak/191660/txertoa-jartzea-ardura-kolektiboko-ariketa-bat-dela-nabarmendu-du-artundok.htm
|
Gizartea
|
Txertoa jartzea «ardura kolektiboko ariketa bat» dela nabarmendu du Artundok
|
Lehen fasean Pfizerren 75.000 txerto jasotzea espero dute Nafarroan: 6.000 egunean. Otsail amaierarako, zahar etxeetako egoiliarren eta langileen artean banatuko dute, eta martxorako, osasun langileen eta gainerako talde zaurgarrien artean
|
Txertoa jartzea «ardura kolektiboko ariketa bat» dela nabarmendu du Artundok. Lehen fasean Pfizerren 75.000 txerto jasotzea espero dute Nafarroan: 6.000 egunean. Otsail amaierarako, zahar etxeetako egoiliarren eta langileen artean banatuko dute, eta martxorako, osasun langileen eta gainerako talde zaurgarrien artean
|
«Itxaropena dugu egoerak hobera egingo duela». Carlos Artundo Nafarroako Gobernuko osasun zuzendariak nabarmendu du txertoen agerpenak pandemiaren kudeaketa hobetuko duela apurka, baina, era berean, zuhurtzia eskatu du, «ziurgabetasun egoera kudeatzen» jakin beharko dutela hala gobernuek nola herritarrek. Gizarteari mezu argi bat eman dio. «Txertoa jarri behar da norbera babesteko, interes personalagatik, baina baita ardura sozialagatik ere, immunizazio orokorrean lagunduko duelako».
Osasun Departamenduko arduradun nagusiek bilera teknikoa egin dute goizean kazetariekin, txertoaren inguruko azalpenak eman eta zalantzak argitzeko asmoz. Helburua da gaixotasuna gainditu dutenen eta txertoa jarri dutenen artean herritarren %70 immunizatzea, baina helmuga horretara iristeko bidea oso luzea da oraindik.
Oso urte gogorra utzi da atzean, baina pandemiari aurre egiteko 270 txerto proiektu garatu dira munduan, eta horietatik 50 inguru fase klinikoan dauden uneotan. Aurelio Barrikarte Nafarroako Osasun Publikoaren Institutuko Epidemiologia, Prebentzio eta Osasun Zerbitzuko buruaren arabera, pandemiaren beraren intzidentzia tasa azkarrak, osasun arloko teknologia berriek eta aurretik azaldutako beste koronabirusen azterketak azkartu egin dute txertoen garapena. Hain zuzen ere, RNA mezulari bidezko teknologia berria erabili dutenen artean daude lasterketa horretan lehen postuetan iritsi diren txertoak: Pfizerrena eta Modernarena.
Europako Botika Agentziak oniritzia eman dio Pfizerren txertoari, eta honezkero munduan 4,3 milioi dosi jarri dira. Espero da Modernarena aurki onartzea. Bi txertook bi dosi jartzea behar dute immunitate erantzun eraginkorra lortzeko —%95 ingurukoa—. Osasun agintariek nabarmendu dutenez, orain arte ez da ondorio larririk atzeman, arinak baino ez (besteak beste, buruko mina edo injekzioa jartzen deneko tokian minbera). Txertoaren osagaiek erreakzio alergikoa eraginez gero, berehala erantzungo du txertoa jartzen duen taldeak. Horrek eskatzen du, besteak beste, ordu erdi itxaron behar dela injekzioa jarri ostean. Ondorio horiek ikusita, Barrikartek azpimarratu du onura kaltea baino nabarmen handiagoa dela.
Eman dituzten azalpenek agerian uzten dutenez, logistika prozesua oso konplexua da, eta erronka handia izango da osasun sistemarentzat. Aurreko bi asteak lehen faseko dosien banaketaren egutegia zehazten, onuradunak identifikatzen, osasun taldeak prestatzen eta guztia antolatzen pasatu dituzte. Espero da datozen asteetan Pfizerren 75.000 dosi iristea (egunean 6.000), eta onartzen denean, Modernaren 12.000: horiekin guztiekin espero dute zahar etxeetako 13.000 egoiliar eta langileei txertoa jartzea, eta osasun arloko 15.000 langileei ere bai. Zahar etxeez harago, menpekotasun handiko pertsonengana heldu nahi dute, bai egoitzetan direnengana, bai etxean daudenengana. Era berean, etxeko osasun arreta ematen duten langileei ere jarri nahi diete.
Kontuan izan behar da pertsona bakoitzak bi dosi beharko dituela: Pfizerren bigarren dosia lehenengoa hartu eta 21 egunera jarri behar da, bi eguneko malgutasun tartearekin, eta Modernarena, 28 eguneko tartearekin. Logistika arazo batengatik bigarren dosirik gabe inor gera ez dadin, jaso baino txerto gutxiago jarriz joango dira, stock bat izan dezaten, eta hori guztia kudeatu. Halaber, Ana Ariztegi Laguntza Zaintzen eta Etxez Etxeko Arreta Zerbitzuaren arduradunak zehaztu du «egunetik egunera» kudeatu beharko dutela dena, sor daitezkeen nondik norakoen aurrean planifikatutakoa egokituz —adibidez, zahar etxe batean agerraldi bat badago, txerto kanpaina bertan geldituz—.
Txerto bakoitzak berezitasun teknikoak ditu, eta urteroko gripearen kanpainarekin alderatuta diferentea izango da. Hasteko, txertoa jarri behar duten taldeak prestatu behar izan dira: bi erizain eta osasun larrialdietako teknikari espezialista bat. Lehen arretako profesionalei ere prestakuntza emango diete. Pfizerren txertoa zero azpitik 80 graduan kontserbatzen da —Modernarena, zero azpitik 20 graduan—, eta zero azpitik bi gradu eta zortzi gradu artean garraiatu behar da. Gero, berrosatu egin behar da, eta lanketa tekniko berezia eskatzen die profesionalei: hala nola txertoa gordetzen duen ontziak bost dosi ditu, eta modu berezian landu behar dira. «Horregatik, talde bereziak osatu ditugu». Halaber, txertoak berrosatzen direnean, ezin dira garraiatu, eta horrek eskatuko du lehen une horietan txertoa «oso toki zehatzetan» jartzea; bertara mugituko diren talde ibiltariak izango dira txertoa jarriko dutenak, beraz.
|
2020-12-29
|
https://www.berria.eus/albisteak/191661/proiektu-nagusiak.htm
|
Proiektu nagusiak
|
Proiektu nagusiak.
|
1. Osasuna eta pertsonen zaintza. COVID-19aren ondorioz, argi ikusi da gizarte eta osasun arloen garrantzia, eta horiei bultzada bat eman behar diela ziurtatu du Jaurlaritzak. 786,4 milioi euroren ekarpena eskatu du arlo horretan.
Diru sail handienak bi makroproiekturentzat eskatu du: 204,8 milioi Zaintzen Ekonomia izenekoarentzat, eta 119,4 milioi Osasunberrirentzat. Azken hori COVID-19aren pandemiari eta etor daitezkeenei erantzun integral eta koordinatu bat emateko saio bat da: I+Ga, tratamenduak, diagnostikoak. Elkarlan publiko-pribaturako programa bat da, osasun arloan industria sektore bat sortzeko xedea ere baduelako. Ildo horretakoa da Zaintzen Ekonomia izenekoa ere. Zaintzaren inguruko politikak «eraldatzeko» saio bat da, bi ardatzetan antolatuta: batetik, zahartzearen erronkei erantzun nahi dieten hiru zentroak (Adinberri Gipuzkoan, Health Intelligence Center Araban, Nagusi Intelligence Center Bizkaian), eta, bestetik, zaintzaileen profesionalizazioa eta emakumeen ahalduntzea.
Gipuzkoako Aldundiaren hiru proiektu estrategikorentzat ere finantzaketa eskatu du Euskadi Next Planak: Adinberri bera (72), GANTT Gipuzkoa Advanced New Therapies Territory (55) eta Elkar-Ekin Lanean (54). Bizkaian, berriz, 43 milioi nahi ditu eskualdeetako erreferentziazko adineko zentroak indartzeko eta beste 38 milioi Etxetic-erako (menpekotasuna duten adinekoak etxean artatu ahal izateko). Osasunbidearen zerbitzuak digitalizatzeko 88,1 milioi eskatu ditu, eta osasun etxeak berritzeko 39,5 milioi.
2. Bizi osoko ikaskuntza 139,5 milioi euroren eskariak sartu ditu atal horretan, eta gehien-gehienak, 92 milioi, hezkuntza sisteman digitalizazioa bultzatzeko baliatu nahi ditu. Bizkaia Dorrean Bizkaiko Aldundiak jarri nahi duen Ekintzailetzarako Nazioarteko Zentrorako 18 milioi eskatu ditu.
3. Energia berriztagarriak 415,6 milioi euroren finantzaketa proposatu du Euskadi Nextek energia berriztagarriak sustatzeko, eta horrekin 2.013,7 milioi euroren inbertsioak lagunduko liratekeela uste du.
Hidrogenoa. EBren xedeetako bat da hidrogenoa baliatu ahal izatea energia iturri gisa. Erronka horretan esku hartu nahi du Jaurlaritzak. 220,5 milioi eskatu ditu BH2C Hidrogenoaren Euskal Korridorearentzat, eta 20 milioi hidrogenoaren balio katea garatzeko Iberlizer proiektuarentzat (Iberdrolaren eta Ingeteamen proiektua).
Eolikoa. Energia eolikoak ere badu bere lekua programan: 54 milioi euro Aixeindarren bidez lurreko parke eolikoak jartzeko, 36 milioi itsasoko eolikoarentzat azpiegiturak entsaiatzeko eta garatzeko, eta hamar milioi itsasoan parke eolikoak flotagailuetan jartzeko teknologia garatuko duen industria osatzeko.
Eguzki energia. Ekienea parkea zabaltzeko 6,3 milioi eskatu ditu, eta beste sei milioi San Markosen (Gipuzkoa) beste parke fotovoltaiko bat jartzeko. Gainera, finantzaketa nahi du industriaguneetan edo etxebizitzetan eguzki plakak jartzeko proiektuetarako.
4. Mugikortasun jasangarria Trenak. 941,4 milioi euro daude sail horretan, baina euro bakar bat ere ez AHTrentzat. Diru sail handiena Bilboko metroaren 5. linearako eskatu du, Sarratu-Galdakoa-Usansoloko ospitalerako (245 milioi), eta badago dirua Topoaren Altza-Galtzaraborda zatirako (27,3 milioi) eta Eibarko trenbiderako (hamalau milioi) ere.
Ikerketa proiektuak. Bost proiektu nabarmendu ditu Jaurlaritzak sail horretan: baterien fabrika (Basquevolt Gigafactory, 217 milioi), Mubil mugikortasun elektrikoaren poloa (86,5 milioi), Basque CCAM LAB (60), Smart Factory (50,8) eta Battery Pack Multimobility izenekoa (hamar milioi). Autobus elektrikoen hedapena sustatzeko proiektuak, ibilgailu elektrikoak kargatzeko zerbitzuguneak, eta Bizkaian bizikleta bidezko garraioa bultzatzeko programak (41,5) ere sartu ditu planean.
5. Digitalizazioa eta berrikuntza Finantzaketa handiena eskatzen duen saila da, 1.189,2 milioi baitira. Haren barruan diru eskaera nagusienak Bizkaiko bi proiekturentzat dira: errepideetan digitalizazioa eta sentsorizazioa bultzatzeko programa bat (120,5) eta Bilbo, Hiri Digitala (117,7). Gipuzkoa Digitala (56,5), Gipuzkoa Quantum (40 milioi), Araba Digitala Plana (28) eta Araba Smart Lurraldea (14) ere ageri dira. Gainera, BRTA parke teknologikoen partzuergoarentzat 60 milioi euro nahi ditu Jaurlaritzak. Zibersegurtasunerako, enpresen digitalizaziorako, 5G sarea hedatzeko, data center berri bat egiteko eta merkataritza txikia digitalizatzeko eskaerak ere badira atal horretan.
6. Hiri habitata 1.081 milioi eurorekin finantzatu nahi du hiriguneen eraberritzea. Ia erdia, 491,2 milioi, hondatuta dauden hiriguneak berritzeko erabili nahi ditu Eusko Jaurlaritzak. Eraikinak hobeto isolatzeko laguntzak (217,8 milioi) eta argindar sarea digitalizatzekoak (122 milioi) ere nahi ditu Urkulluren gobernuak. Atal horretan sartu du, halaber, Gernikan Guggenheim museoaren «zabalgune berdea» (81) eta Pasaiaren eraberritzea (24,5).
7. Ingurumena 657,5 milioi euro nahi ditu Jaurlaritzak arlo horretan. Ur saneamendu sarea (84,2 milioi) ekosistemak biziberritzea (84 milioi), uholdeen aurkako neurriak (89 milioi), eta trantsizio energetikorako koordinazio publiko-pribaturako inbertsioak (60,9) dira nagusi. Proiektu zehatzen artean, Arabako hiru —Gasteizko azpiegitura berdea (40,5), Gasteizko ur zikinak nekazaritza lurrak ureztatzeko Irrigal Zirkularra proiektua (92,7 milioi), eta Irrigaraba Ekolife (41)—, eta orokorrago bat: hondamendi naturalen aurkako plana, Resina izenekoa (34 milioi).
8. Ekonomia zirkularra 492,1 milioi euroren finantzaketa eskaera egin du Jaurlaritzak atal horretan, horren adinako bi izango liratekeen inbertsioak bultzatzeko. Sail garrantzitsuena, 400 milioi eurorena, industriarentzat lur sailak eraberritzeko proiektuentzat izango litzateke. Hondakin ez arriskutsuak biltzeko gune baterako ere finantzaketa nahi du Jaurlaritzak, 35 milioirena.
|
||
2020-12-29
|
https://www.berria.eus/albisteak/191662/zubietako-erraustegiko-labea-homologatu-gabe-dagoela-berretsi-du-gurasosek.htm
|
Gizartea
|
Zubietako erraustegiko labea homologatu gabe dagoela berretsi du GuraSOSek
|
Nortegas enpresari galdetuta, ondorioztatu du azpiegiturak oraindik ez dituela baimen guztiak, gasaren hornikuntza behin-behinekoa delako. Plataformaren esanetan, ingurumen baimena ezeztatuko luke horrek.
|
Zubietako erraustegiko labea homologatu gabe dagoela berretsi du GuraSOSek. Nortegas enpresari galdetuta, ondorioztatu du azpiegiturak oraindik ez dituela baimen guztiak, gasaren hornikuntza behin-behinekoa delako. Plataformaren esanetan, ingurumen baimena ezeztatuko luke horrek.
|
GuraSOS plataformak berretsi du Zubietako erraustegiak gasaren azpiegiturak homologatu gabe jarraitzen duela lanean. Nortegas enpresari galdetu dio erraustegiaren kontrako taldeak, eta enpresak emandako erantzunetik atera ditu plataformak ondorio horiek.
GuraSOSek abenduaren 11n galdetu zion Nortegasi errauste plantako labea eta gasa zabaltzeko tresnak homologatuta ote dauden, eta 23an jaso zuen enpresaren erantzuna. Horrekin, plataformak ondorioztatu du Gipuzkoako ahaldun nagusiak «gezurra» esan zuela abenduaren 11n, erraustegia erakusteko antolatu zuten agerraldian. Markel Olano ahaldun nagusiak gezurtatu egin zituen, orduan, GuraSOSen salaketak, eta erraustegiak azpiegitura guztiak homologatuta eta legez araututa zeuzkala zehaztu zuen.
Enpresaren adierazpenak eta GuraSOSen irakurketa ez datoz bat. Nortegasek, gutun horretan, esplikatzen du bera ez dela gas hornitzailea; gasa zabaltzeko sarearen jabea da. Erraustegira gasa eramateko azpiegitura eraiki zutenean, Nortegasi eskatu zioten erraustegian gasa jaso ahal izatea, probako aldirako, azpiegiturak homologatu ahal izateko.
Nortegasek zehazten du hornikuntza hori egitea beharrezkoa dela gas azpiegitura bat homologatzeko prozesuan, eta aitortzen du jarraitzen duela erraustegia gasez hornitzen, probako aldian bezala. Egoera hori legezkoa dela zehazten du, azpiegitura erabat homologatu arte beharrezkoa delako. Baina GuraSOSek beste interpretazio bat egin du: uste du Nortegasek gas hornikuntzarekin jarraitzeak adierazten duela azpiegiturak ez duela bukatu probako aldia, eta homologatu gabe jarraitzen duela oraindik.
«Horrek esan nahi du erraustegia lanean hasi dela hornikuntza bermatu gabe, eta, bistan denez, azpiegituren eta haien segurtasunaren homologazioa eta legezkotasuna egiaztatu gabe, proba baliozkorik egin gabe eta, are, azterketa egin gabe. Alegia, erabat legez kanpo», adierazi du GuraSOSek.
Ingurumen baimena, kolokan
Egoera horrek ingurumen baimen integratuari ere eragiten diola uste du plataformak. Baimen hori berretsitzat jo zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordeak ekainaren 16an, eta Arantxa Tapia Ingurumen sailburuak berretsi egin zuen azaroaren 24an. Baina, GuraSOSen arabera, baimen hori berresteko beharrezkoa da azpiegitura guztia bukatuta egotea, eta haren segurtasuna aztertua eta berretsia egotea. «Eta hori, momentu honetan, ez da gertatzen; eta duela hilabete batzuk, oraindik eta gutxiago», ohartarazi du plataformak.
Are gehiago, ingurumen baimen hori uztailaren 7an bukatzen zitzaion erraustegiari. Eusko Jaurlaritzako teknikariek aztertu zuten azpiegitura, eta, ekainaren 11n, adierazi zuten bukatuta zeudela lan guztiak; ingurumen baimena berresteko eta ontzat jotzeko, horretan oinarritu ziren. Nortegas enpresaren abenduko erantzun honek, ordea, agerian uzten du azpiegiturak ez daudela behar bezala bukatuta, GuraSOSen iritziz, eta horrek esan nahiko luke ingurumen baimena berresteko tramitazioa ere ez zela legezkoa izan, beti plataformaren arabera.
Plataformak erantsi du, gainera, Eusko Jaurlaritza egoera horren jakitun zegoela, Nortegasen erantzunetik hori ondorioztatu baitu. Hortaz, plataformak errepikatu du labeak homologatu gabe eta hondakinak erreta elektrizitatea sortzeko azpiegiturak eraikitzen bukatu gabe jo zutela ontzat ingurumen baimena.
Hemezortzi hilabetez probatan
Bestalde, plataformak gogorarazi du erraustegiak zazpi hilabete eta erdiko probaldi bat zeukala berez; 2019ko apirilaren 24an hasi zen. «Baina orain, hemezortzi hilabete geroago, probaldian jarraitzen du, eta horrek argi uzten du ingurumen baimen integratua iraungita dagoela». Ingurumen Saileko arduradunak prebarikazio delitu bat egin ote duten aztertuko dutela erantsi du.
Labeek martxan jartzeko behar duten homologazio hori lortzeko, aztertzen dute ongi funtzionatzen ote duten diseinatuta dauden gasarekin eta presioarekin, eta zehaztutako erretze parametroak betetzen ote diren. Plataformak nabarmendu du dioxinen sorrera gutxitzeko beharrezkoa dela 850 gradu zentigradura iristea, eta horretarako behar dela gasa prozesuan, tenperatura konstantea izan dadin.
2019ko azaroan hasi ziren hondakinak errausten Zubietako plantan, eta plataformak nabarmendu du urtebete baino gehiago daramatela probetan eta lanean, «ingurumen eta segurtasun bermerik gabe, eta legeztatu eta homologatu gabeko labe batzuetan».
|
2020-12-29
|
https://www.berria.eus/albisteak/191663/beste-449-kasu-atzeman-dituzte-hegoaldean-eta-positibo-tasa-53ra-jaitsi-da.htm
|
Gizartea
|
Beste 449 kasu atzeman dituzte Hegoaldean, eta positibo tasa %5,3ra jaitsi da
|
Bezperakoekin alderatuta, positibo gehiago izan dira Araban, Gipuzkoan eta Nafarroan; Bizkaian, aldiz, kasu bat gutxiago atzeman dute.
|
Beste 449 kasu atzeman dituzte Hegoaldean, eta positibo tasa %5,3ra jaitsi da. Bezperakoekin alderatuta, positibo gehiago izan dira Araban, Gipuzkoan eta Nafarroan; Bizkaian, aldiz, kasu bat gutxiago atzeman dute.
|
Izurriak ez du etenik. Gaur beste 449 positiboren berri eman dute Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, bezperan baino 91 gehiago. Orotara 8.398 proba egin zituztenez atzo, %5,3 da positibo tasa, bezperan baino 0,9 puntu txikiagoa, baina kontuan hartu behar da asteburuetan proba gutxiago egin ohi dituztela. Halere, OME Osasunaren Mundu Erakundeak aholkatutako kopuruaren gainetik dago oraindik —%5 baino txikiagoa izatea gomendatzen du—.
Lurralde bakoitzeko egoerari erreparatuta, Bizkaian izan dira positibo gehienak: 150, bezperan baino bat gutxiago. Gipuzkoan, berriz, 130 kasu atzeman dituzte, atzo baino 36 gehiago. Nafarroan, 102 positibo izan dituzte, 42 gehiago, eta, Araban, 62, hamahiru gehiago. Horrez gain, Jaurlaritzak iragarri du EAEtik kanpoko bost lagunek ere positibo eman dutela. Gainera, 100.000 biztanleko 500 kasuren langa igaro dutela eta, Jaurlaritzak gorriz markatu ditu 5.000 biztanle baino gehiago dituzten sei herri: Arrigorriaga (Bizkaia), Aretxabaleta, Arrasate, Azpeitia, Beasain eta Ordizia (Gipuzkoa).
Erietxeetara begira jarrita, beste 32 lagun ospitaleratu behar izan zituzten atzo Osakidetzaren zentroetan. Guztira, 459 gaixo daude Hegoaldeko ospitaleetan; horietako ehun larri daude, ZIUetan.
|
2020-12-29
|
https://www.berria.eus/albisteak/191664/langile-bat-hil-da-murgako-aianox-enpresan.htm
|
Ekonomia
|
Langile bat hil da Murgako Aianox enpresan
|
Bihotzekoa izan du, lantegira sartu berritan. 59 urte zituen, eta Orozkokoa zen.
|
Langile bat hil da Murgako Aianox enpresan. Bihotzekoa izan du, lantegira sartu berritan. 59 urte zituen, eta Orozkokoa zen.
|
Langile bat hil da Murgako (Araba) Aianox enpresan, sindikatuek jakinarazi dutenez. Orozkokoa (Bizkaia) zen, eta 59 urte zituen.
Ertzaintzako iturriek Aiaraldea.eus-i azaldu diotenez, goizeko seiak inguruan bihotzekoak eman dio, lanean sartu berritan, eta hil egin da. Polizia eta larrialdi zerbitzuak bertaratu dira, baina ezin izan dute ezer egin.
Komunikabideetara bidalitako ohar batean, LAB sindikatuak azpimarratu du halako gertaerak ere lan istripuak direla, eta gogoratu du aurten hildako langileen %25 «istripu ez-traumatikoetan» galdu dutela bizia. «Ez dira kasualitatez izaten lanorduetan, eta ez dira zorte txarraren ondorio, enpresariek esaten dutenaz bestera. Jakina da lan baldintza txarrak, presioak eta estresa direla bihotzeko istripuak sortzen dituzten faktore nagusietako batzuk».
Sindikatuen zenbaketaren arabera, aurten lan istripuan hildako 71. behargina da. Horri gehitu behar zaio otsailean Zaldibarko zabortegian izandako luizian desagertu zen eta aurkitu ez duten langilea.
|
2020-12-29
|
https://www.berria.eus/albisteak/191665/iker-irribarria-binakako-txapelketatik-kanpo.htm
|
Kirola
|
Iker Irribarria, Binakako Txapelketatik kanpo
|
Gaur egin dute lehiaketaren aurkezpena: Baikok aukeratu dituen lau bikoteak Olaizola II.a-Rezusta, Urrutikoetxea-Imaz, Artola-Aranguren eta Peña II.a-Albisu dira; eta Asperenak, Altuna III.a-Mariezkurrena II.a, Jaka-Martija, Ezkurdia-Ladis Galarza eta Elezkano II.a-Zabaleta.
|
Iker Irribarria, Binakako Txapelketatik kanpo. Gaur egin dute lehiaketaren aurkezpena: Baikok aukeratu dituen lau bikoteak Olaizola II.a-Rezusta, Urrutikoetxea-Imaz, Artola-Aranguren eta Peña II.a-Albisu dira; eta Asperenak, Altuna III.a-Mariezkurrena II.a, Jaka-Martija, Ezkurdia-Ladis Galarza eta Elezkano II.a-Zabaleta.
|
Igandean amaitu zen pilotako urteko azken lehiaketa: Lau eta Erdiko Txapelketa. Eta atseden hartzeko apenas tarterik gabe, gaur egin dute datorren sasoiko Binakako Txapelketaren aurkezpena, Bizkaia Frontoian. Ostiralean abiatuko da lehia, urtarrilaren 1ean, Eibarren (Gipuzkoa): Jaka eta Martija Altuna III.aren eta Mariezkurrena II.aren aurka arituko dira. Finala, berriz, maiatzaren 9an jokatuko da, Bizkaia Frontoian.
Hauek dira bikoteak:
Aspe: Altuna III-Mariezkurrena II, Jaka-Martija, Ezkurdia-Ladis Galarza Elezkano II-Zabaleta
Baiko: Olaizola II-Rezusta Artola-Aranguren, Urrutikoetxea-Imaz Peña II-Albisu.
Badago berririk gaur aurkeztutako aldian. Jakitenarazi denez, Rezusta Baikorekin arituko da 2021eko Binakako Txapelketan, Aspek utzita. Jon Mariezkurrenak, berriz, Asperekin jokatuko du.
Hutsune nagusiak, berriz, Oinatz Bengoetxearena eta Iker Irribarriarena dira. Hala, kanpoan geratu dira buruz burukoan txapeldun izandako bi pilotari. Zalantza zen ea zein izango zen Aspek aukeratuko zuen laugarren aurrelaria, Altuna III.a, Jaka eta Ezkurdia ziurtzat jotzen baitziren, eta Danelen alde egin du enpresak. Alderantziz izan zen joan den urtean: Elezkano II.a kanpoan geratu zen orduan, Irribarriaren mesedetan. Iñaxio Errandonea Aspeko zuzendari komertzialak aitortu du Aramakoa kanpoan uztea «zaila» izan dela, eta badakitela «ez dela justua». «Maila handiko aurrelariak ditugu, eta laurentzat baino ez dago lekurik. Iaz, txapelduna izanda, Danel geratu zen kanpoan. Aurten, Ikerri tokatu zaio. Asko pentsatu ondoren, erabaki hori hartu dugu». Unai Iglesias Baikoko ordezkariaren arabera, berriz, Oinatz ez hautatzeko erabakiaren atzean «kirol ikuspegia soilik» hartu dute kontuan. «Erabaki zaila izan da. Azkenera arte zalantzak izan ditugu, baina lehenago edo beranduago gazteei aukera eman behar zaie».
Txapelketari dagokionez, iazko formatu berari eutsiko diote. Zazpi jardunaldiko bi itzuli jokatuko dituzte hasieran. Bi bikote onenak zuzenean sailkatuko dira finalerdietako ligaxkara, eta hirugarren eta seigarren postuen artean sailkatutakoek kanporaketak jokatuko dituzte. Finala maiatzaren 9an izango da, Bilbon.
|
2020-12-29
|
https://www.berria.eus/albisteak/191666/tabakaleraren-cybernetics-of-the-poor-erakusketa-europako-urteko-hamar-onenen-artean-aukeratu-dute.htm
|
Kultura
|
Tabakaleraren 'Cybernetics of the poor' erakusketa Europako urteko hamar onenen artean aukeratu dute
|
'Frieze' aldizkariak Donostiako arte garaikideko zentroan antolatutako erakusketa nabarmendu du
|
Tabakaleraren 'Cybernetics of the poor' erakusketa Europako urteko hamar onenen artean aukeratu dute. 'Frieze' aldizkariak Donostiako arte garaikideko zentroan antolatutako erakusketa nabarmendu du
|
Tabakaleraren Cybernetics of the Poor: Tutorialak, ariketak eta partiturak erakusketa Europako arte garaikideko hamar erakusketa onenen artean hautatu du Frieze aldizkari britainiarrak 2020an. Arte eta kultura garaikideko alorrean líder den aldizkariak urtero egiten duen hautaketan, Tabakalerakoa beste bederatzi erakusketarekin batera dago zerrendan: besteak beste Parisko Pompidou zentroak, Erromako Arte Garaikideko Museoak, MACROk, eta Alemaniako Arte Garaikideko Zentro Nazionalak eta Haus der Kulturen der Weltek antolatutakoak.
Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendari nagusiak balioa eman dio arte garaikidearen esparruan eragin handiena duten aldizkarietako batek egindako aukeraketari: «Frieze sektorean ospe handiena duen nazioarteko argitalpena da, eta horrelako aintzatespena bultzada handia da Tabakalera arte garaikidearen esparruan sorkuntza eta erakusketa zentro gisa nazioartean kokatzeko».
Diedrich Diederichsen kultura kritikari eta komisario alemaniarrak eta Oier Etxeberria Tabakalerako arte garaikidearen arloko arduradunak komisariatutako erakusketak zibernetikaren eta artearen artean historikoki izan diren lotura moduei buruzko azterketa planteatzen zuen. 1991n sortutako Frieze aldizkariak aurrekaririk gabeko urte batean kokatu du argitaratu duen zerrenda, «zerbait positiboa izan bazuen, statu quo-a birpentsatzeko aukera eman zitzaigula izan zen. Gure lehentasunak berriz ebaluatzera eta gure ezagutzak hedatzera eraman gintuen, lehen puntu itsuak genituen arloetan. Zentzu askotan, 2020ak ezjakintasuna desikasteko ikasgai batzuk ekarri ditu, eta arteak ere lagun dezake horretan».
Tabakalerak eta Kunsthalle Wienek (Austria) elkarlanean ekoitzitako Cybernetics of the Poor erakusketa martxoaren 6an inauguratu zen, Tabakalerak COVID-19ren ondorioz ateak itxi baino astebete lehenago, eta 6.000 lagunek bisitatu zuten ekainean ireki zenetik abuztuaren amaierara arte.
Erakusketak Vienan eta Donostian 2019an egin zen nazioarteko mintegiaren izen bera du. Lankidetza horretatik sortu zen erakusketa proiektu hau, abenduaren 18an Vienako Kunsthallen ireki zena eta 2021eko martxoaren 28ra arte bisitatu ahal izango dena. Lankidetza horrek, pieza artistiko berrien ekoizpenari bide emateaz gain, euskal artista batzuen lanak Vienan ikusgai jartzeko aukera eskaini du.
Artearen elkarguneak eta sistema zibernetikoak aztertzen dituen erakusketak tokiko eta nazioarteko 24 artistaren lanak ikusteko aukera eskaintzen zuen, eta bilduma pribatuetatik, galerietatik eta museoetatik (Madrilgo Reina Sofia Arte Zentro Nazionala edo Lyongo Arte Garaikideko Zentroa) zetozen piezak eta Austriako Kultura Foroak (Madril) eta Flanders State of the Artek parte hartu zuten.
|
2020-12-29
|
https://www.berria.eus/albisteak/191667/lau-urte-espetxera-txina-pandemiaren-harira-kritikatzeagatik.htm
|
Mundua
|
Lau urte espetxera, Txina pandemiaren harira kritikatzeagatik
|
Lau urte espetxera, Txina pandemiaren harira kritikatzeagatik.
|
Txinak lau urteko kartzela zigorra ezarri zion atzo Zhang Zhan «herritar kazetariari». Shangaiko epaile batek «informazio faltsua» zabaltzea egotzi zion, baita «istiluak sustatzea eta arazoak sortzea» ere, pandemiaren lehen hilabeteetan Wuhan hiritik zabaldu zituen edukien bidez. Zhang otsailean joan zen Wuhanera, koronabirus berriaren lehen agerraldiaren berri ematera. Txinako Gobernuak hartu zituen neurriak kritikatu zituen.
Europako Batasunak Zhang «berehala» aske uzteko eskatu dio gaur Txinari. Josep Borrell diplomaziaburuak adierazi du torturatua izan denaren «iturri fidagarriak» dituela. Zhang maiatzean atxilotu zuten, eta preso dago ordutik.
|
|
2020-12-29
|
https://www.berria.eus/albisteak/191668/eibarrek-puntu-historikoa-lortu-du-camp-noun.htm
|
Kirola
|
Eibarrek puntu historikoa lortu du Camp Noun
|
Jose Luis Mendilibarrek entrenatutako taldeak lehen aldiz batu du puntu bat Bartzelonaren zelaian. Kike Garciak sartu du bisitarien gola.
|
Eibarrek puntu historikoa lortu du Camp Noun. Jose Luis Mendilibarrek entrenatutako taldeak lehen aldiz batu du puntu bat Bartzelonaren zelaian. Kike Garciak sartu du bisitarien gola.
|
Puntu historikoa lortu du gaur Eibarrek Camp Noun. Estreinako aldiz punturen bat poltsikoratuta atera da, Bartzelonaren aurka bana berdindu ostean. Partida biribila osatu du Jose Luis Mendilibarren taldeak. Ez du erraz ahaztuko gaurko gaua.
Ez da oso ondo hasi partida Eibarrentzat. Bosgarren minutuan, VAR-a begiratu ondoren, Alberola Rojas epaileak penaltia adierazi du etxeko taldearen alde, korner batean Bigasek eginiko falta batengatik. Braithwaitek, baina, ez du aukera baliatu, eta Dmitrovicek zaindutako atetik kanpora bidali du baloia.
Pixkanaka-pixkanaka aurrera egin dute Mendilibarren jokalariek. Partidaren lehen ordu laurdenerako, bizpahiru aldiz hurbildu dira katalanen areara, Damian Kadziorren erdiraketak baliatuta. Ronald Koemanen taldearen baloi irteera ondo estutu dute. Etxekoek ez dute nahi bezain azkar mugitu baloia; atzelariek nekez aurkitu dituzte zuloak Eibarrek zelai erdian osatutako armiarma sarean, eta zailtasunak izan dituzte erdilariei baloiak bidaltzeko. Gipuzkoarrak haien eremura eraman dute partida.
Eibartarrak zelaian erosoen zeuden momentuan iritsi da Bartzelonaren gola. Zuzenean golak legezkoa zirudien arren, epaileak, teknologiaren laguntzarekin, gola baliogabetu du, Braithwaite zentimetro gutxigatik jokoz kanpo zegoelako. Azkenean, hasierako markagailu berberarekin iritsi dira atsedenaldira.
Beste martxa bat sartu du Bartzelonak bigarren zati hasieran. Atsedenaldian sartu den Ousmane Dembelek txinparta eman dio Kataluniako taldearen erasoari, eta eibartarren areara inguratzea erraztu. Aurrelari frantziarrak berak izan du partidako lehen aukera garbia, 55. minutuan. Dembele ate aurrean geratu da, baina ezin izan du Dmitrovic gainditu.
Hurrengo jokaldian iritsi da Gipuzkoako taldearen gola. Kikek Araujori baloia lapurtu, eta bakar bakarrik iritsi da Bartzelonaren area barrura. Ter Stegenen aurrean ez da urduri jarri, eta bikain gainditu du atezain alemaniarra, markagailuan 0 eta 1ekoa jarriz. Abantailak, baina, ez du asko iraun. Eibarrek gola sartu eta hamar minutura berdindu du partida Bartzelonak, Dembeleren golari esker. Bigarren zutoinean jaurtiketa gurutzatu batekin errematatu du Junior Firporen erdiraketa, eta ondo gainditu Serbiako atezaina.
Berdinketaren ostean hazi egin da etxeko taldea, eta garaipenaren bila joan. Azken minutuetan partida erabat hautsi da, eta bi taldeek hiru puntuak eskuratzeko aukera izan dute. Aukerak aukera, merezitako berdinketarekin amaitu da partida.
|
2020-12-29
|
https://www.berria.eus/albisteak/191669/gutxienez-zazpi-lagun-hil-dira-kroazian-lurrikara-batean.htm
|
Mundua
|
Gutxienez zazpi lagun hil dira Kroazian lurrikara batean
|
Dozenaka zauritu daude. Richter eskalan 6,4 gradukoa izan da lurrikara, eta Petrinja hiria izan da haren epizentroa.
|
Gutxienez zazpi lagun hil dira Kroazian lurrikara batean. Dozenaka zauritu daude. Richter eskalan 6,4 gradukoa izan da lurrikara, eta Petrinja hiria izan da haren epizentroa.
|
Kroaziako Zagreb hiriburutik 50 kilometrora dagoen Petrinja hirian izan du epizentroa lurrikarak, eta han eragin ditu kalte handienak. Gutxienez zazpi lagun hil direla jakinarazi du Barne Ministerioak. Petrinja, Sisak eta Glina hiriak astindu ditu batez ere, eta oraindik ere erreskate lanetan ari dira eremu horretan. Hala ere, eremu askotan errepideak blokeatuta geratu dira, eta horrek erreskate lanak zailduko dituela uste du Kroaziako Gobernuak.
Eguerdian izan da lurrikara, eta Petrinja izan du epizentroa. 12 urteko haur bat hil da hiri horretan, eta beste bost lagun handik hogei kilometro ingurura dagoen Glina hirian. «Petrinja hiriaren erdia suntsituta» geratu dela adierazi du bertako alkate Darinko Dumbovicek. Eraikin asko kaltetuta edo eraitsita geratu dira. Atzo beste lurrikara bat izan zen hiri horretan, Richter eskalan 5,2 gradukoa, baina ez zuen gaurkoak bezalako kalterik eragin. Lurrikarak Kroazia erdialdea astindu badu ere, inguruko zenbait herrialdetan ere nabaritu dute.
|
2020-12-31
|
https://www.berria.eus/albisteak/191690/hilik-aurkitu-dute-urumea-ibaira-erori-diren-ertzainetako-bat.htm
|
Gizartea
|
Hilik aurkitu dute Urumea ibaira erori diren ertzainetako bat
|
Ertzaintzaren autoa 03:30 aldera erori da ibaira. Autoan zihoan beste agentea erreskatatzea lortu dute, eta arin zaurituta dago. «Ezbehartzat» jo du Erkorekak.
|
Hilik aurkitu dute Urumea ibaira erori diren ertzainetako bat. Ertzaintzaren autoa 03:30 aldera erori da ibaira. Autoan zihoan beste agentea erreskatatzea lortu dute, eta arin zaurituta dago. «Ezbehartzat» jo du Erkorekak.
|
Ertzaintzaren auto bat Urumea ibaira erori da goizaldean Donostian. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak adierazi du bi ertzain zihoazela auto barruan. Horietako bat, 33 urteko zumaiarra, erreskatatzea lortu dute, eta arin zaurituta dago. Beste agentea, ordea, hilik aurkitu dute, auto barruan harrapatuta. 47 urteko donostiarra zen, eta hainbat urtetako esperientzia zuen Ertzaintzan eta Udaltzaingoan. Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak azaldu du autoak barandaren aurka jo duela eta, hura hautsita, uretara erori dela. Sailburuaren esanetan, «ezbeharra» izan da gertatutakoa.
Istripua 03:30 aldera gertatu da, Gipuzkoako hiriburuko Maria Kristina zubitik gertu. Zergatik ez dakitela, Ertzaintzaren autoa ibaira erori da, Adifen tren geltokia dagoen aldetik. Erkorekak adierazi du «zorte txarraren» ondorio izan dela gertatutakoa. Autoak barandaren «zati ahulenaren» aurka jo duela azaldu du. Era berean, Segurtasun Sailak adierazi du ertzainak ohiko lanak egiten ari zirela eta istripua gertatu denean ez zegoela operazio berezirik martxan. Halere, ikerketa bat hasi dute istripuaren nondik norakoak argitzeko.
Ertzainetako batek bere kabuz autotik irtetea lortu du, eta Donostiako ospitalera eraman dute. Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriak Onda Vascan adierazi duenez, hipotermia sintomak ditu. «Zorionez, osasun egoerari dagokionez, modu positiboan eboluzionatzen ari da, osasun zerbitzuek adierazi digutenez. Zer gertatu den ulertzeko lekukotasun baliagarria izan daiteke, baina bere indarberritze prozesua errespetatuko dugu», gehitu du gero Erkorekak.
Segurtasun Sailaren arabera, ordea, litekeena zen bigarren agentea auto barruan harrapatuta egotea. Horregatik, Ertzaintzak, Gurutze Gorriaren laguntzarekin, erreskate lanetarako dispositibo berezi bat jarri du martxan, hura aurkitzeko asmoz. Hainbat urpekari eta ontzi aritu dira lanean.
Istripua itsasgora baino ordubete lehenago gertatu da. Horrek, azken egunetako itsas denboralearekin batera, lanak zaildu ditu. Hala, 07:00ak aldera aurkitu dute autoa, eta 09:00ak aldera atera du garabiak uretatik. Aurretik, urpekariek baieztatu dute agentearen gorpua autoaren barruan zegoela.
|
2020-12-30
|
https://www.berria.eus/albisteak/191691/argentinak-abortua-legeztatu-du.htm
|
Mundua
|
Argentinak abortua legeztatu du
|
Haurdunaldiko lehen hamalau asteetan legezkoa eta doakoa izango da abortua Argentinan. Diputatuen Ganberak baiezkoa eman zion lege proiektuari, eta Senatuak berretsi egin du.
|
Argentinak abortua legeztatu du. Haurdunaldiko lehen hamalau asteetan legezkoa eta doakoa izango da abortua Argentinan. Diputatuen Ganberak baiezkoa eman zion lege proiektuari, eta Senatuak berretsi egin du.
|
Espero baino alde handiagoaz nagusitu da baiezkoa Argentinako Senatuan, abortuaren despenalizazioaren gaineko bozketan. 38 senatarik alde bozkatu dute; 29k, aurka; eta bat abstenitu egin da. Ondorioz, haurdunaldia lehen hamalau asteetan etetea legezkoa eta doakoa izango da Argentinan. Abortuaren aldeko Marea Berdea mugimenduaren protestaldia ospakizun bihurtu da goizaldean. Milaka herritarrek kalean ikusi eta entzun dute Senatuko eztabaida, eta ospakizuna lehertu egin da goizaldean, bozketaren emaitza argitu denean.
Eskaera egin osteko hamar egunetan gauzatu beharko da abortua. Gaur arte, soilik bortxaketa bat izan zenean eta haurdun zegoenaren bizitza arriskuan zegoenean zen legezkoa abortatzea. Lege berriak irizpide hori mantenduko du haurdunaldiaren hamalaugarren astetik aurrera, eta salbuetsitako bi kasu horietan soilik egongo da baimenduta abortua epe horretatik kanpo.
Kontzientzia eragozpena ere jasoko du legeak, eta hori izan da punturik eztabaidatuenetako bat. Onartutako testuak aukera emango die osasun langileei eta abortua gauzatzeko ardura dutenei horri uko egiteko, kontzientzia eragozpena argudiatuta. Kasu horietan, hala ere, haien betebeharra izango da eurek artatuko ez dituzten horiek beste profesional batzuen esku uztea. Gainera, ospitale guztietan gutxienez mediku batek prest egon beharko du abortua egiteko.
Adin tarteak bereizi ditu legeak. Hamahiru urtetik beherakoek guraso baten edo ordezkari baten baimena beharko dute haurdunaldia eteteko. Hamahiru eta hamasei urte artekoek ez dute baimenik beharko, abortuak euren osasuna arriskuan jartzen ez badu behintzat. Adin horretatik gorakoek euren kabuz erabaki ahalko dute.
>Diputatuen Ganberak abenduaren 11n onartu zuen lege proiektua —aldeko 131 boto, aurkako 117 eta sei abstentzio izan ziren—, eta Senatuari zegokion erabaki horren alde egitea ala atzera botatzea. Bozketa estua espero zen, kontserbadoreek aurka bozkatzetik harago, botoa erabaki gabe zuten zenbait senatari ere bazirelako. Horietako batek aldeko botoa emango zuela iragarri zuen atzo gauean, eta zalantzazkoak ziren beste lau boto ere aldekoak izan zirela jakin zen handik gutxira. Gainera, legearen kontrakoak ziren bi senatarik ezin izan zuten bozketan parte hartu: Carlos Menemek —koma induzituan dago— eta Jose Alperovichek —urtea amaitu arteko zigorra du, sexu eraso bat egin izana egotzita—.
Euskal Herrian gauerdia zenerako espero zen baiezkoa gailenduko zela, baina eztabaida parlamentarioa goizaldera arte luzatu da. Hamabi orduko saioa izan da, denera. Eztabaidaren osteko bozketan, hamalau botoren aldeaz nagusitu da baiezkoa, eta senatarien erdiek baino bat gehiagok alde bozkatzea nahikoa zen legea onartzeko.
Bigarrengoan
Abortua despenalizatzeko lege bat Senatuan bozkatzen duten bigarren aldia izan da. 2018an ere egin zuten, baina Senatuak atzera bota zuen orduan; 31 senatarik alde bozkatu zuten, eta 38k, aurka.
Antzeko zerbait gertatzeko arriskua ikusten zuten abortuaren aldekoek, baina testuingurua oso bestelakoa da ordukoarekin alderatuta. Senatuaren osaketan aldaketa nabarmenak izan dira, eta, horrez gain, Argentinako Gobernuak babestutako eta sustatutako lege proposamena da onartutakoa. Alberto Fernandezek sarritan adierazi du abortua despenalizatzearen aldekoa dela. Duela urtebete presidentetzarako hauteskundeak irabazi zituen Fernandezek, eta hauteskunde kanpainako goiburuetako bat izan zuen abortuaren legeztapena. Kargua hartu ostean ere, hainbatetan azaldu du horretarako asmoa, eta Marea Berdea mugimenduak ere behartu du presidentea abortuaren aldeko neurriak bizkortzera.
Legearen aurkakoen presioa ere handia izan da; batez ere, Eliza katolikoaren eta ebanjelikoaren aldetik. Frantzisko aita santuak ere publikoki adierazi zuen legearen aurkakoa dela, Senatuko eztabaidaren aurretik zabaldutako txio batean. Kolore urdin argia bihurtu dute abortuaren kontrakoek euren sinbolo, eta milaka lagun mobilizatzea lortu dute. Senatuko eztabaidak iraun bitartean, metro gutxi batzuetako tarteak bereizten zituen abortuaren aldeko eta aurkako milaka jarraitzaile.
Aurkakoen presioa ez da amaituko legeraren onespenarekin, hala ere. Legea Konstituzioaren aurkakotzat dute askok, eta Argentinako zenbait probintziatan legea ezartzeari trabak jarriko zaizkiola espero da. Iparraldeko probintzietan du indar gehien Elizak, eta hango ordezkari askok legearen bozka egin dute.
Orain artekoa, 1921ekoa
Ehun urte behar izan dira abortuaren inguruko legea aldatzeko. 1921ean onartutako Zigor Kodearen arabera epaitu da abortua Argentinan orain arte, eta lau urteko kartzela zigorra ezartzen zaie abortua egiten dutenei, kode horren arabera. 1983an diktardura militarra amaitu zenetik, abortuaren despenalizaziorako zazpi lege proposamen eztabaidatu ditu Argentinako Kongresuak, baina guztiak baztertuak izan dira gaur arte.
Datu ofizialik ez badago ere, Argentinan urtero legez 450.000 abortu inguru egiten dira modu klandestinoan, gobernuz kanpoko erakundeek diotenez, eta, horietan izandako zailtasunen ondorioz, milaka emakume ospitaleratzen dituzte. Argentinako mugimendu feministaren eskari historiko bat izan da abortua legeztatzea.
|
2020-12-30
|
https://www.berria.eus/albisteak/191692/astrazenecaren-eta-oxforden-txertoa-onartu-du-erresuma-batuak.htm
|
Gizartea
|
AstraZenecaren eta Oxforden txertoa onartu du Erresuma Batuak
|
Nabarmendu dute txertoak «segurtasun, kalitate eta eraginkortasun estandarrak» betetzen dituela. Erresuma Batuak bigarren olatuko kasu kopururik handiena atzeman zuen atzo.
|
AstraZenecaren eta Oxforden txertoa onartu du Erresuma Batuak. Nabarmendu dute txertoak «segurtasun, kalitate eta eraginkortasun estandarrak» betetzen dituela. Erresuma Batuak bigarren olatuko kasu kopururik handiena atzeman zuen atzo.
|
Lehenak izan ziren Pfizerren txertoa homologatzen, eta lehenak izan dira AstraZenecarena onartzen ere. Erresuma Batuko MHRA Sendagai eta Produktu Sanitarioen Erregulaziorako Agentziak baietza eman dio Oxford Unibertsitateak eta Cambridgeko (Ingalaterra) enpresa farmazeutikoak eginiko txertoari.
Erresuma Batuko Osasun Ministerioak adierazi du «entsegu kliniko zorrotz eta analisi sakon» baten ondorio dela erabakia. Gaineratu du adituek baieztatu dutela txertoak «segurtasun, kalitate eta eraginkortasun estandarrak» betetzen dituela. Txerto berria jasotzen lehenak nortzuk izango diren datozen egunetan jakinaraziko dute. Halere, nabarmendu dute jada ezarria dagoela «txertaketa plan argi bat». Lehentasuna arrisku taldeetako herritarrei lehen txertoa jartzea dela azaldu dute, babesaren eragin epea luzatzeko beharrezkoak diren biak jartzen joan beharrean: «Mundu guztiak jasoko du bigarren dosia ere, baina hori lehena jaso osteko lehen hamabi asteetan egingo da».
The Lancet aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera, txertoak %62ko eraginkortasuna du dosi bat jarriz gero; %90ekoa, berriz, bi dosirekin. Erresuma Batuak eman dituen datu berrien arabera, ordea, lehen txertoaren eraginkortasuna %70ekoa litzateke lehen dosia jarri eta 22 egunera, eta %80koa hiru hilabetera. Tarte horretan jarri beharko litzateke bigarren dosia, eraginkortasuna are handiagoa izateko. Hala, txerto berriaren ehun milioi dosi jasoko ditu Erresuma Batuak. Horrek 50 milioi lagun txertatzeko balioko du.
Ministerioak jakinarazi duenez, osasun zerbitzuek Pfizer enpresak egindako «ehunka mila txerto» jarri dituzte orain arte, eta kanpaina horrek ere martxan jarraituko du. Hala, bi txerto izanik txertaketaren abiadura azkartuko dela adierazi dute, «hildakoak eta ospitaleratzeak murriztetako».
Erresuma Batuan 53.153 COVID-19 kasu atzeman zituzten atzo, bigarren olatuko kopururik handiena: bezperan baino 12.000 kasu gehiago. Gainera, 414 lagun hil dira azken orduetan.
Batasunean, presa
Europako Batasunak ez du zehaztu noiz emango dion baietza AstraZenecaren txertoari. Are gehiago, azaldu du oraindik ez duela jaso hura onartzeko eskari formalik. Alemaniako Osasun Ministerioak, ordea, txertoa ahalik eta azkarren onartzearen aldeko mezua igorri du. EBk mila milioi txerto jasotzeko eskaria egina du, denera. Horietatik 400.000 AstraZeneca eta Oxfordi eskatutakoak lirateke. Bien bitartean, Batasunak onar dezakeen hurrengo txertoa AEBetako Moderna enpresarena da; urtarrilaren 6an aztertuko dute.
|
2020-12-30
|
https://www.berria.eus/albisteak/191693/euskaldendak-elkarteak-auzitara-joko-du-kalte-ordainak-eskatzeko.htm
|
Ekonomia
|
Euskaldendak elkarteak auzitara joko du, kalte-ordainak eskatzeko
|
Alarma egoerek eragindako kalte ekonomikoak konpentsatu behar direla uste du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako dendarien eta ostalarien federazioak.
|
Euskaldendak elkarteak auzitara joko du, kalte-ordainak eskatzeko. Alarma egoerek eragindako kalte ekonomikoak konpentsatu behar direla uste du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako dendarien eta ostalarien federazioak.
|
Euskaldendak elkarteak arrazoitu duenez, alarma egoerak arautzen dituen Espainiako 4/1981 lege organikoak eskubidea ematen die kalte-ordainak eskatzeko, eta horregatik erabaki dute salaketa jartzeko tramiteak hastea. Zehazki, lege horren 3.2. artikulua aipatu du Euskaldendak-ek, honakoa baitio: «[Alarma] egoera horiek iraun bitartean hartutako neurrien ondorioz kalteak modu zuzenean edo zeharka jaso dituztenek eskubidea izango dute kalte-ordainak eskatzeko, haiei lepora ez dakizkiekeen ekintzengatik bada».
Artikulu hori kontuan izanda, «Euskaldendak-ek ez du ulertzen norbaitek nola jar dezakeen auzitan kalte-ordainak eskatzeko eskubidea». Agiri baten bidez, federazioak gogorarazi du kalte ekonomiko handiak jaso dituztela merkatariek, ostalariek eta beste zerbitzu askoren emaileek, beren establezimenduak itxita eduki dituztelako hainbat astez edo muga askorekin funtzionatu behar izan dutelako. «Itxierak eta beste mugak ez dira autonomoen eta enpresen borondatearen ondorio izan, Estatuak behartutakoak baizik».
Hiru elkartek osatzen dute Euskaldendak federazioa: Arabadendak, Bizkaidendak eta Dendartean. Hiruen artean 5.812 establezimendu biltzen dituzte; horietatik 3.423 dira dendak, 804 dira ostatuak, eta 1.585ek beste zerbitzu batzuk ematen dituzte.
Horietatik, 3.964k jaso dituzte kalte ekonomikoak, Euskaldendak-en kalkuluen arabera. Janaria, jantziak edo bestelako produktuak saltzen dituzten denden %63 leudeke egoera horretan, eta ostalaritzako establezimenduen %100.
|
2020-12-30
|
https://www.berria.eus/albisteak/191694/beste-647-kasu-hegoaldean-eta-positiboen-ehunekoa-62ra-igo-da.htm
|
Gizartea
|
Beste 647 kasu Hegoaldean, eta positiboen ehunekoa %6,2ra igo da
|
Lau lurraldeetan egin dute gora positiboek. Azken bi asteotako daturik makurrena da.
|
Beste 647 kasu Hegoaldean, eta positiboen ehunekoa %6,2ra igo da. Lau lurraldeetan egin dute gora positiboek. Azken bi asteotako daturik makurrena da.
|
Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, kutsatzeen kurbak koska bat gora egin du azken orduetan: beste 647 kasu zenbatu dituzte, bezperan baino 198 gehiago. Azken orduetan 10.408 proba egin dituzte (PCR eta antigeno testak) eta horietatik %6,2k eman dute positibo. Positibo tasa bezperakoa baino 0,9 puntu handiagoa da, beraz. Hala ere, azpimarratzekoa da atzo astelehenean baino 2.010 test gehiago egin zirela.
Oro har, atzoko datuek erakusten dute Hego Euskal Herrian koronabirusaren bilakaera epidemiologikoa ez dela ona. Izan ere, abenduaren 16tik ez zen 600 positiboren langa gainditzen. Egun horretan 675 positibo detektatu zituzten, eta, orduz geroztik, apalagoak izan dira datuak.
Lurralde bakoitzeko egoerari erreparatuta, Bizkaian atzeman dituzte positibo gehien: 216, bezperan baino 66 gehiago. Gipuzkoan, berriz, 207 kasu detektatu dituzte, 77 gehiago. Nafarroan, 130 positibo izan dituzte, 28 gehiago. Araban, 88 izan dira atzemandako positiboak, bezperan baino 26 gehiago. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak iragarri du EAEtik kanpoko sei lagunek ere positibo eman dutela.
|
2020-12-30
|
https://www.berria.eus/albisteak/191695/etxeetan-oinarrizko-hornidurak-izateko-eskubidea-aldarrikatu-dute-gasteizen.htm
|
Gizartea
|
Etxeetan oinarrizko hornidurak izateko eskubidea aldarrikatu dute Gasteizen
|
Gasteizko Inor Ez Etxerik Gabe ekinbideak salatu du pandemiak pobrezia energetikoa areagotu duela.
|
Etxeetan oinarrizko hornidurak izateko eskubidea aldarrikatu dute Gasteizen. Gasteizko Inor Ez Etxerik Gabe ekinbideak salatu du pandemiak pobrezia energetikoa areagotu duela.
|
Gasteizen pobrezia energetikoa gero eta hedatuago dagoela salatu du Gasteizko Inor Ez Etxerik Gabe ekinbideak: pandemiak areagotu egin du “argia edo berogailua pizten ez” duten familien kopurua, haien hitzetan. Hori salatu dute gaur goizean Andre Maria Zuriaren plazan, Gabonetako bola handiaren alboan, Itzali azpijokoak, piztu eskubideak lelopean egindako elkarretaratzean. “Etxe guztietan argia, gasa eta oinarrizko hornidura guztiak izateko eskubidea” aldarrikatu dute.
Elkarretaratzerako aukeratutako tokia ez da ausazkoa izan: Gasteizko Udalak Eguberrietako argietara bideratutako diru kopurua kritikatu dute. Udalak aurrekontuetan hitzemandakoa baino 40.000 euro gehiago ordaintzea gaitzetsi dute, lehenengo eskaintzan enpresa bat ere ez baitzen aurkeztu: “Beste behin ere, udalari ez zaio asko kostatu enpresen aginduei kasu egitea; ez da berdina gertatzen eskubideak aldarrikatzen ditugunean”. Era berean, enpresa energetiko handiek “bizilagunen zorpetzea handitzearen kontura” irabaziak lortzen jarraitzen dutela ere salatu dute.
Hori horrela, etxe guztietarako oinarrizko hornidurak aldarrikatu dituzte: alarma egoera dagoen bitartean energia enpresek argia moztu ezin badute ere, iritzi diote neurri hori ez dela nahikoa. “Guk gaur eta beti gure etxeetan energia izateko eskubidea aldarrikatzen dugu”.
|
2020-12-30
|
https://www.berria.eus/albisteak/191696/eh-bilduren-ustez-europako-funtsetarako-programak-ez-du-herri-ikuspegirik.htm
|
Ekonomia
|
EH Bilduren ustez, Europako funtsetarako programak «ez du herri ikuspegirik»
|
Koalizioak dio hiriburuak lehenesten dituela Euskadi Next programak, gainerako udalen kalterako. EH Bildu ados dago zerrendako proiektu askorekin, baina banaka aztertu nahi ditu. Agiriak «literatura ona dauka, baina argi dago hobe daitekeela». Eudel pozik agertu da, programak udalen parte hartzeko eskaera aintzat hartu duelako.
|
EH Bilduren ustez, Europako funtsetarako programak «ez du herri ikuspegirik». Koalizioak dio hiriburuak lehenesten dituela Euskadi Next programak, gainerako udalen kalterako. EH Bildu ados dago zerrendako proiektu askorekin, baina banaka aztertu nahi ditu. Agiriak «literatura ona dauka, baina argi dago hobe daitekeela». Eudel pozik agertu da, programak udalen parte hartzeko eskaera aintzat hartu duelako.
|
Europako Errekuperazio Mekanismotik 5.700 milioi euro erakartzeko 188 proiekturen zerrenda atzo onartu eta aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta hari buruzko balorazioa egin dute Maddalen Iriarte eta Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideek gaur. Haien ustez, proiektuen zerrendak ez du herri ikuspegirik, hein handi batean zerrenda osatzeko prozeduran udalen partea ez delako izan behar bezalakoa, hiru hiriburuetako udalena izan ezik. Horrek, esan du Oterok, «kanpoan uzten ditu biztanleen %64».
Agiria egiteko orduan Jaurlaritzak erakutsitako «gardentasun faltaren» ostean, Maddalen Iriartek uste du Euskadi Next dokumentua beste eragileetara zabaltzea behar-beharrezkoa dela, «haren defentsa bateratua» egin ahal izateko Madrilen eta Bruselan. «Kontsentsu batek Madrilen negoziazio indartsuagoa eta zorrotzagoa ahalbidetuko luke», Mikel Oteroren ustez. Izan ere, legebiltzarkidearen aburuz, «badirudi nahiko zaila izango dela» eskatutako diru guztia lortzea, eta horren ondorioz negoziazioa «azpitik» joatea.
EH Bilduk inprobisazio pixka bat antzeman du Euskadi Next programaren lehen agirian; besteak beste, ez duelako zehazten zenbat diru jarriko duten erakunde publikoek proiektuetan. Agiriak «literatura ona du», Mikel Oteroren aburuz, «baina argi dago hobetu daitekeela».
Horretarako, lankidetza eskaini du EH Bilduk. Aurkeztutako proiektuetako askorekin ados dago, baina informazio gehiago nahi luke bakoitza behar bezala baloratzeko. Xehetasun bila, informazioa eskatuko die Jaurlaritzari, diputazioei eta hiriburuetako udalei. Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuaren agerraldia ere eskatuko du Legebiltzarrean.
Eudel, zatituta
Gorka Urtaran Gasteizko alkate eta Eudeleko presidenteak, berriz, uste du Euskadi Next programak aintzat hartu duela udalek egindako eskaera; «alegia, Europako ezohiko funtsetan beraien parte hartzea bermatuko duten mekanismoak arbitratzeko aukera izatea eta finantzaketa funts horiek Euskadiko udalerri guzti-guztietara iristea».
Eudeleko buruak azaldu duenez, udalek hiru bide izango dituzte Europako Errekuperazio Mekanismoko funtsak eskuratzeko. Lehenik, «Euskadiko udalerrientzako zuzeneko laguntzak», zeintzuek Jaurlaritzak eta foru aldundiek kudeatuko dituzten. Bigarren bidea Jaurlaritzak bultzatutako udal izaerako proiektuei dagokiena izango da, «hala nola Uraren Euskal Agentziak egin ditzakeen obrak, bai eta udalerrietan degradazio handiena duten auzoetan etxebizitzak birgaitzeko eta berroneratzeko beste batzuk ere». Eta hirugarren bidea, Urtaranek azaldu duenez, «Estatuko leihatila da; bertan, Estatuko Aurrekontu Orokorren arabera, 1.483 milioi euro emango dira 2021ean Estatuko toki erakunde guztietarako».
Euskadi Next programarentzat sortuko den jarraipen batzordearekin pozik dago Eudeleko presidentea. «Horrela, Eudelen beraren bitartez emango zaie Euskadiko udalerri guztiei, zuzenean, hemendik aurrera egingo den urrats ororen berri».
Urtaranen iritziarekin ez datoz bat Eudeleko bi lehendakariordeak, Jose Antonio Santano (PSE-EE) eta Nagore Alkorta (EH Bildu). Iñigo Urkulluri eskutitz bat bidali diote, proiektuak hautatzerakoan udal gehienen iritziak ez biltzeagatik. «Bi abiadurako Euskadi» sor dezake programak.
|
2020-12-31
|
https://www.berria.eus/albisteak/191697/beste-hamar-euskal-preso-gerturatuko-dituzte-eta-bat-euskal-herriratuko-dute.htm
|
Politika
|
Beste hamar euskal preso gerturatuko dituzte, eta bat Euskal Herriratuko dute
|
Orain arte, presoak gerturatzeko prozesuan eginiko mugimendurik handiena da; gerturatuko dituzten gehienak 700 kilometro baino urrunagoko espetxeetan daude. Ia denak bigarren gradura pasatuko dituzte.
|
Beste hamar euskal preso gerturatuko dituzte, eta bat Euskal Herriratuko dute. Orain arte, presoak gerturatzeko prozesuan eginiko mugimendurik handiena da; gerturatuko dituzten gehienak 700 kilometro baino urrunagoko espetxeetan daude. Ia denak bigarren gradura pasatuko dituzte.
|
Espainiako Barne Ministerioak jakinarazi duenez, Espetxe Instituzioen Idazkaritza Nagusiak onetsi du hamar euskal preso Euskal Herri inguruan dauden kartzeletara gerturatzea eta bat Euskal Herriratzea. Iñigo Guridi, Igor Portu, Ainhoa Garcia, Manex Castro, Fermin Vila, Juan Carlos Besance, Javier Gallaga, Juan Carlos Iglesias, Iker Lima eta Endika Garate euskal presoak dira hurbildutakoak, eta Josune Arriaga Euskal Herriratutakoa. Orain arte kolpe bakarrean iragarritako preso mugimendurik handiena da.
Arriaga Topasen (460 km) ari da zigorra betetzen, eta Iruñeko kartzelara eramango dute. 2010eko maiatzean sartu zuten preso, 23 urteko zigorra betetzeko, eta 2023ko abenduan beteko ditu hiru laurdenak. Barne Ministerioaren arabera, espetxe legeria onartu, indarkeria alboratu eta eragindako oinazea aitortu ditu, eta ontzat jo dute lehen gradutik bigarrenera pasatzea.
Gainerakoak gerturatzea onetsi dute Espetxe Instituzioek. Juan Carlos Besance eta Juan Carlos Iglesias Dueñasera (315 km) gerturatuko dituzte. Besance Huelvan dago (1.000 km), eta 2010eko urritik 30 urteko zigorra betetzen ari da; 2033n beteko ditu hiru laurdenak. Iglesias, berriz, Villenan dago (700 km); 2003ko uztailean kartzelaratu zuten 30 urteko zigorra ezarrita, eta 2031n beteko ditu hiru laurdenak. Bigarren graduan jarriko dute aurrerantzean, eragindako oinazea aitortu eta indarkeria ez erabiltzeko konpormisoa hartu eta gero.
Fermin Vila ere Villenan dago preso, eta Zuerara (245 km) gerturatuko dute. 2014an sartu zen, 30 urteko zigorra betetzeko, eta hiru laurdenak 2036ko abenduan beteko ditu. Bigarren gradura igaroko dute.
Iker Lima Huelvatik (1.000 km) Mansillara (370 km) lekualdatuko dute. 2002ko azaroaren 25ean espetxeratu zuten, eta 25 urteko zigorra betetzen ari da; 2021eko abuztuan beteko ditu zigorraren hiru laurdenak. Hura da bigarren graduan jarriko ez duten bakarra; lehen gradua malgutuko diote.
Mansillara eramango dute Iñigo Guridi ere. 2001eko otsailean kartzelatu zuten, eta 30 urteko zigorra betetzen ari da Jaenen (775 km). 2023ko ekainean beteko ditu hiru laurdenak. Espetxe Instituzioek ontzat jo dute gradu progresioa, aintzat hartuta espetxe legeria onartzen eta eragindako kaltea aitortzen dituela.
Igor Portu Cordoban dago preso (835 km), eta Darocara lekualdatuko dute (345 km). 2008ko urtarrilaren 11n espetxeratu zuten, eta 40 urteko zigorra betetzen ari da. 2035eko ekainean beteko ditu zigorraren hiru laurdenak. Barne Ministerioak dio espetxe legeria onartu duela, eta idatzi bat aurkeztu duela "jarduera terroristarekiko lotura" eteteko. Lehen gradutik bigarrenera pasatuko dute.
Javier Gallaga ere Darocara lekualdatuko dute, Cordobatik. 2004ko abenduaz geroztik dago presondegian, eta 30 urteko zigorraren hiru laurdenak 2027ko ekainean beteko ditu. Hura ere lehen graduan zen, eta bigarrenera igarotzea onartu dute Espetxe Instituzioek, argudiatuta indarkeria erabiltzeari uko egiten diola eta biktimei eragindako mina onartzen duela.
Darocara mugituko dute Manex Castro ere, Puerto III kartzelatik (1.020 km). 40 urteko zigorra betetzen ari da 2009ko martxoaz geroztik, eta 2039an beteko ditu zigorraren hiru laurdenak. Gainerakoen gisara, lehen gradutik bigarrenera igaroko da, argudiatuta espetxe legeria onartzen duela eta "jarduera terrorista" alboratu duela idatziz.
Ainhoa Garcia Topasen ari da 30 urteko zigorra betetzen, eta 2035eko martxoan beteko ditu zigorraren hiru laurdenak. Espetxeko Tratamentu Batzordeak proposatuta, ontzat jo dute hura bigarren graduan jartzea eta Asturiasko kartzelara lekualdatzea (385km). Barne MInisterioak nabarmendu du, espetxeko legeria onartzeaz gain, Garciak indarkeria arbuiatzen eta eragindako oinazea aitortzen duela.
Azkenik, Endika Garate Puerto I kartzelan dago (1.020 km), eta Duesora gerturatuko dute (170 km). 2016ko apiriletik dago kartzelan, 30 urteko zigorra betetzen, eta 2029an beteko ditu zigorraren hiru laurdenak.
133 gerturatze eta Euskal Herriratze
2018ko ekainean Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentetzara heldu zenetik, 133 preso mugitu dituzte: 31 Euskal Herriratu eta 102 Euskal Herri inguruetako espetxeetara hurbildu. Gainera, 66 presori eman diete bigarren gradua, eta hemezortziri hirugarrena.
11 euskal presoez gain, GRAPOko bat ere lekualdatuko dute Castellotik Madrilera -Manuel Perez Martinez, Camarada Arenas-, eta, beraz, hamabi dira Espainiako Gobernuak iragarritako mugimenduak. Horien aurrean, AVT biktimen elkarteak esan du Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak "hamabi kanpaikadak" eman dituela preso horiek gerturatuta, eta gogorarazi du hain justu gaur direla hamalau urte ETAk Barajasko aireportuan lehergailu bat jarri eta bi pertsona hil zituenetik. Atentatu hori egitea egotzita dago preso Igor Portu, eta, hura gerturatuko dituztenen artean egonda, AVTk nabarmendu du "are mingarriagoa" dela biktimentzat gerturatze horiek iragartzea atentatu horren urteurrenean.
|
2020-12-30
|
https://www.berria.eus/albisteak/191698/osakidetzarako-langile-gehiago-kontratatzea-eskatu-dute.htm
|
Gizartea
|
Osakidetzarako langile gehiago kontratatzea eskatu dute
|
Satse, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek deituta, Osakidetzako langileek protestak egin dituzte hainbat ospitaletan eta osasun etxetan.
|
Osakidetzarako langile gehiago kontratatzea eskatu dute. Satse, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek deituta, Osakidetzako langileek protestak egin dituzte hainbat ospitaletan eta osasun etxetan.
|
Berriz ere, kalera atera dira Osakidetzako langileak. Satse, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek deituta, elkarretaratzeak egin dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat ospitaleren eta osasun etxeren atarietan. Helburu argia izan dute: osasun sistema publikoaren egoera salatzea, eta Osakidetzarako langile gehiago kontratatzeko beharra azpimarratzea.
Hain zuzen «egiturazko arazoak» salatzeko bildu dira Bilboko Deustu auzoko osasun etxean, Donostia ospitalean eta Gasteizko Santiago ospitalean. «Osakidetzaren egoera ez da hobetzen, eta ez dituzte arazoak konpontzen», salatu du Satse sindikatuaren ordezkari Amaia Mayorrek.
Mayorrek aipatu du atzo sindikatuek Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduirekin izandako bilera. Haren hitzetan, Sagarduik «hitz onak» izan zituen, eta «etorkizunera begira negoziatzeko asmoa» erakutsi zuen. Baina konponbide azkarragoa eskatu du Mayorrek: «Osakidetzak orain behar ditu konponbideak, eta horregatik jarraitzen dugu mobilizazioekin».
Txertoa hizpide
Koronabirusaren aurkako txertoa jartzen hasi berri direnean, Mayorren irudiko, langile kopurua negoziatu behar dute, baita haiek egonkortu eta langileak areagotu ere. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren joera salatu du: «Osasun Sailak ez du planteatzen langileen esfortzua zukutzeaz haragoko neurririk». Ohartarazi du, arazoak konpondu ezean, mobilizazioekin eta urtarrilaren 28rako deituta duten grebarekin jarraituko dutela.
|
2020-12-30
|
https://www.berria.eus/albisteak/191699/salvador-illa-izango-da-pscren-hautagaia-kataluniako-hauteskundeetan.htm
|
Mundua
|
Salvador Illa izango da PSCren hautagaia Kataluniako hauteskundeetan
|
Miquel Iceta PSCko idazkari nagusiak uko egin dio hautagai izateari, eta haren lekua hartuko du egun Espainiako Osasun Ministro denak. Otsailaren 14an egingo dituzte bozak, eta gainontzeko alderdiek kritikatu egin dute Illaren izendapena.
|
Salvador Illa izango da PSCren hautagaia Kataluniako hauteskundeetan. Miquel Iceta PSCko idazkari nagusiak uko egin dio hautagai izateari, eta haren lekua hartuko du egun Espainiako Osasun Ministro denak. Otsailaren 14an egingo dituzte bozak, eta gainontzeko alderdiek kritikatu egin dute Illaren izendapena.
|
Pronostiko guztiak hautsi ditu PSCk. Ate joka dira otsailaren 14ko Kataluniako hauteskundeak, eta ziurra zirudien berriz ere Miquel Iceta alderdiko idazkari nagusia izango zela Kataluniako sozialisten hautagaia. Gaur, ordea, postu horri uko egin dio Icetak, eta Salvador Illa proposatu du zerrendaburu izateko, egun Espainiako Osasun Ministro dena. Gaur arratsaldean Batzar Nazionala egingo du PSCk Illaren izendapena onartzeko.
Duela hilabete batzuk hasi ziren Illak postu hori har zezakeela zioten zurrumurruak. PSCk eta PSOEk, ordea, baita Illak berak ere, behin eta berriz esan dute uste horiek ez zirela benetakoak; azkenean, azken unean baieztatu dute albistea. Momentuz Osasun Ministro izaten jarraituko du Illak, baina Espainiako Gobernuak gutxi barru aldaketak egin beharko ditu haren lekua beste batek har dezan.
Kataluniako azken hauteskundeetan 17 eserleku eskuratu zituen PSCk, eta, adierazi dutenez, emaitza horiek hobetzeko asmoa dute datozen hauteskundeetan. Azken inkestek 25 inguru lor ditzaketela diote. Horrek azal dezake azken hilabeteetan alderdiko kide indartsuenetako bat izango dena hautagai aurkezteko erabakia.
Icetak esan du euren helburua ez dela eserleku batzuk gehiago lortzea, irabaztea baizik: «Horregatik, gure ardura da kataluniarrei ahalik eta hautagai onena proposatzea, aldaketa posible dela ikus dezaten».
Gainontzekoek, kritikak
Gainontzeko alderdiek, berriz, kritikatu egin dute Illaren izendapena. «Munduko kasu bakarra izango da non, mundu mailako pandemia baten erdian, gobernuan dagoen alderdiak hauteskunde interesei lehentasuna ematen dien», esan du Laura Borras Junts Per Catalunyako bozeramaileak. Pere Aragones ERCren hautagaiak, berriz, garrantzia kendu dio Illaren izendapenari, eta adierazi du, lehen bezala, PSCren helburua eskuineko boto gehiago irabaztea dela.
Bestelako arrazoiengatik, baina Illaren aurka jo dute PPk eta Ciudadanosek ere. Osasun Ministerioko burua kargugabetzea gaitzetsi dute, eta PSOEri egotzi diote gobernua «propaganda egiteko» erabili izana.
|
2020-12-30
|
https://www.berria.eus/albisteak/191700/txinak-onartu-du-trabak-kentzea-bere-merkatuan-inbertitzen-duten-ebko-enpresei.htm
|
Ekonomia
|
Txinak onartu du trabak kentzea bere merkatuan inbertitzen duten EBko enpresei
|
Txinako enpresen antzeko baldintzetan lehiatuko dutela ziurtatu du Bruselak. Ituna oztopoa da Bidenek Pekinen aurka osatu nahi duen aliantzan
|
Txinak onartu du trabak kentzea bere merkatuan inbertitzen duten EBko enpresei. Txinako enpresen antzeko baldintzetan lehiatuko dutela ziurtatu du Bruselak. Ituna oztopoa da Bidenek Pekinen aurka osatu nahi duen aliantzan
|
Astebeteko epean, bere bi bazkide komertzial handirekin akordioak lortu ditu Europako Batasunak. Erresuma Batuarekin, orain arteko merkatu bakarrari erabateko hausturak ez jarraitzeko; Txinarekin, berriz, Europako enpresek tratu hobea jaso dezaten herrialde hartan. Azken itun hori gaur lotu dute bideokonferentzia bidez Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak eta Xi Jinping Txinako presidenteak, zazpi urteko negoziazioen ondoren. Edonola ere, oraindik berretsi egin behar dute, eta agian ez du bide erraza izango, Europako Parlamentuak oso gogoan baitu Txinak Tibeten, Xinjiangen eta Hong Kongen duen jarrera zapaltzailea.
«Inbertsiorako akordioak lagundu egingo du Europako Batasunaren eta Txinaren arteko merkataritza eta inbertsio harremana orekatzen», azaldu zuen Von der Leyenek. Izan ere, EBk urteak daramatza kexuka Txinan inbertitu nahi duten bere enpresak desabantailak dituztela Txinako bertako enpresekin, dela haiekin elkartzera behartzen dituztela, dela teknologia partekatzera behartzen dituztela, dela diruz lagundutako enpresa publikoekin lehiatu behar dutela. Hiru arlo horietan hobekuntzak lortu dituela dio EBk, eta horiei esker Txinako enpresekin baldintza beretsuetan lehiatu ahal izango dutela. Trukean, Txinak berme bat lortu du orain bere enpresek EBn dituzten eskubideen inguruan, eta energia berriztagarrietan sarbide handiagoa lortuko du bere konpainientzat.
Halaber, Bruselak Txinaren konpromisoa lortu du bortxatutako lanarekin amaitzeko. Azken kontu horrek kalapita handia sortu du azkenaldian, giza eskubideen aldeko elkarteek Txinako Gobernuari leporatu diotelako milaka uigur arrazoirik gabe atxilotzea eta kontzentrazio eremuetan lan egitera behartzea. Salaketak ukatu ditu Pekinek. Duela bi aste, Europako Parlamentuak aldeko 604 eta aurkako hogei botorekin salatu zuen «gutxiengo musulmanen esplotazioa».
Bidenen arazoa
Pekin-Brusela itunak hirugarren hiriburu batekin egiten du talka, Washingtonekin. Txinarentzat oso garrantzitsua zen ituna aurten lortzea: Donald Trumpen balizko bigarren agintaldi bat lortu izan balu, EB aliatu bat izan zezakeen harekiko gerra hotz berrian; Joe Bidenek irabaztekotan, eragotz zezakeen EBk eta AEBek haren aurkako fronte bat osatzea. Bidenen garaipenak, alde horretatik, oztopo bat sortu dio EBri, haren administrazioaren helburuetako bat zelako Trumpen garaiko bakartzea utzi, eta nazioarteko aliantza bat osatzea Txinaren praktika komertzial erasokorrei aurre egiteko.
Txinarekin ituna eginda, proiektu hori zapuztu duela dioten ahotsei erantzun die EBk. «Atzetik genbiltzan, AEBek Txinarekin sinatutakoaren aldean», esan du Valdis Dombrovskis EBko lehendakariordeak, eta Washingtonekin elkarlanean aritzeko asmoa duela.
|
2020-12-30
|
https://www.berria.eus/albisteak/191701/donostiako-metroaren-obrekin-segitzeko-509-milioi-euroko-proiektua-onartu-dute.htm
|
Gizartea
|
Donostiako metroaren obrekin segitzeko 50,9 milioi euroko proiektua onartu dute
|
Gaur esleitu dute Mirakontxa-Easo tarteko eraikuntza proiektuaren 2. faseko obra. 40 hilabeteetan lanak amaituta egotea espero du ETSk, eta onartu du lizitazio berria egin dutela zundaketetan uste baino harri iragazkor gehiago topatu eta Zubieta kalean azaldutako zuloengatik.
|
Donostiako metroaren obrekin segitzeko 50,9 milioi euroko proiektua onartu dute. Gaur esleitu dute Mirakontxa-Easo tarteko eraikuntza proiektuaren 2. faseko obra. 40 hilabeteetan lanak amaituta egotea espero du ETSk, eta onartu du lizitazio berria egin dutela zundaketetan uste baino harri iragazkor gehiago topatu eta Zubieta kalean azaldutako zuloengatik.
|
Euskal Trenbide Sareak jakinera eman du gaur lizitatu dituela Mirakontxa-Easo tarteko lanen 2. fasea eraikitzeko lanak. 50,9 milioi euroko oinarrizko kostua izango du, eta espero dute 40 hilabeteetan lanak amaitzea. Zehazki, 4,2 kilometroko bidea da eraiki behar dutena, eta azken hilabeteetan sortutako ezbeharren lanen gainkostuari irtenbidea ematea da asmoa. Batetik, zundaketetan harri iragazkorra eta ura topatu dute azken hilabeteotan, eta bestetik, Zubietako kaleko zuloei egin die erreferentzia ETSk, prentsa oharrean.
Bi kasuetan "lanekin aurrera egin ahal izateko teknikak oso motelak eta garestiagoak" direla esan du sareak, eta horregatik, esleipen berria egin dute. Izan ere, bi oztopo horiei aurre egiteko kostua Kontratuen Legeak baimendutakoa baino handiagoa zen, eta, ondorioz, oharrean esan dute "ezinezkoa" zela beste erabakirik hartzea.
Esleipen berria maiatzean egitea aurreikusi dute, baina lanak ez direla etengo jakinarazi du ETSk: "Lanean jarraituko da hondeatutako tunelaren hormigoizko egiturazko estalduran, zorupea sendotzeko eta auskultatzeko lanetan, gerta daitezkeen gorabeherak saihesteko". Horrez gain, adierazi dute hainbat lan aurreratuta daudela dagoeneko: Easoko haitzuloaren sarbidea eta aireztapenaren indusketa eta euste lanak, Autonomia kaleko kanoia eta Osasun kaleko igogailuaren putzua eginda daude. Dagoeneko eginda dauden lanek 31,8 milioi euroko balioa dutela nabarmendu du ETSk, eta enpresa horrek egiten segituko duten lanek 3,5 milioi euro gehiagoko kostua izango duela aurreikusi dute.
Lanak eteteko eskaera
Zubieta kaleko lehen zuloa ekainean agertu zen. Aurretik ere hainbat protesta egin ditu Satorralaia elkarteak, baina gertaera horren ostean berriro ere eskatu zuten obrak eteteko. Handik bi egunera, azaroaren 17an agertu zen beste zulo bat, kale horretan bertan. Donostiako EH Bilduk salatu zuen orduan informazioa "ezkutatzen" ari zirela obraren arduradunak.
Orain, ETSk esan du harri iragazkorra egonkortzeko eta Zubieta kaleko zuloak estaltzeko lanean jardungo direla: Morlanseko arrapalan lurra iragazgaiztea eta tunelaren kablearen gainean tratamendu espezifiko bat egiten ari dira, "erresistentzia gaitasuna hobetzeko. Zubieta kalean, berriz zuloa "faseka tratatu, finkatu eta bete" egin dute.
|
2020-12-30
|
https://www.berria.eus/albisteak/191702/westminsterren-baiezkoa-jaso-du-brexit-aren-itunak.htm
|
Ekonomia
|
Westminsterren baiezkoa jaso du ‘brexit’-aren itunak
|
Goizean izenpetu dute EBko ordezkariek, eta gauerdirako espero da Erresuma Batuko erreginaren sinadura.
|
Westminsterren baiezkoa jaso du ‘brexit’-aren itunak. Goizean izenpetu dute EBko ordezkariek, eta gauerdirako espero da Erresuma Batuko erreginaren sinadura.
|
Erresuma Batuko Komunen Ganberako gehiengo zabalak ontzat hartu du gaur arratsaldean brexit osteko merkataritza akordioa. Aldeko 521 boto jaso ditu, haien artean tory brexit-zale sutsueneena eta laborista gehienena. Keir Starmer laboristen buruak aldeko botoa eskatu zuen, ituna kaskarra iruditu arren, ez lortzea okerrago iruditzen zaiolako. Argudio horrek ez ditu 26 alderdikide konbentzitu, eta abstenitu egin dira. Aurkako 57 boto izan dira, alderdi europazaleenak (SNP, liberal demokratak, Plaid Cymru), eta DUP unionista irlandarrenak ere.
Komunen Ganberako baiezkoaren ondotik, akordioa sinatu du Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak. Gauaren hasierarako espero da Lorden Ganberaren baietza, eta gauerdirako, berriz, Elizabeth II. erreginaren sinadura. Bruselatik iritsi dagoizean ituna, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentearen eta Charles Michel Europar Kontseiluko presidentearen sinadurak jada paperean zituela.
|
2020-12-30
|
https://www.berria.eus/albisteak/191703/itp-castingsek-jakinarazi-du-bere-azken-erabakia-87-kaleratze.htm
|
Ekonomia
|
ITP Castingsek jakinarazi du bere «azken erabakia»: 87 kaleratze
|
Hasieran esanikoa baino 47 gutxiago dira, baina negoziazioetan eskainitako baino 10 gehiago. Sindikatuek auzitara jotzeko asmoa agertu dute.
|
ITP Castingsek jakinarazi du bere «azken erabakia»: 87 kaleratze. Hasieran esanikoa baino 47 gutxiago dira, baina negoziazioetan eskainitako baino 10 gehiago. Sindikatuek auzitara jotzeko asmoa agertu dute.
|
ITP Aero Casting enpresako zuzendaritzak Barakaldoko eta Sestaoko lantegietako (lehengo PCB) langileei jakinarazi die «azkenean» haietako 87 kaleratuko dituela —gehi beste hiru ad cautelam—, martxan jarritako enplegu erregulazioko espedientearen baitan. Hasieran esanikoa baino 47 gutxiago izango dira.
Hala izanik ere, enpresa batzordea oso haserre agertu da erabakiarekin, eta auzitara jotzea aztertzen ari dela jakinarazi du. Aurreko astean amaitu ziren negoziazioak, akordiorik gabe. Elkarrizketa epean, kaleratzeak 77raino jaisteko prest agertu zen zuzendaritza, baina sindikatu bakar batek ere ez zuen onartu proposamena. Negoziazioak «eszenaratze» bat baino ez direla izan salatu du enpresa batzordeak, zuzendaritzak erabakia aurretik hartua zuelako. «COVID-19ren krisia baliatu nahi izan du lehendik zituzten asmoak gauzatzeko: lantaldearen % 15 murriztea».
Langileen ordezkaritzak Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu dio ahal duena egiteko kaleratzeak ekiditeko eta gogoratu dio duela lau urte ITPri laguntza ekonomiko bat eman ziola Sestaon lantegi berri bat sortzeko. Batzordeak bilera batera deitu ditu erabakiak kaltetutako langileak, urtarrilaren 4arako eta azaldu du han erabakiko dutela zein «borroka tresna» jarriko dituen martxan, langileen kaleratzeak saihesteko. Era berean, sindikatuek jakinarazi dute beharginek 24 orduko greba egunei eutsiko dietela, eta zerbitzu juridikoak enplegu erregulazioko espedientearen inpugnazioa prestatzen ari direla. Kaleratzeen baldintzak
Enpresak kaleratutako langileei 20 eguneko legezko kalte ordaina eman nahi die zerbitzuan emandako urte bakoitzeko, urtebetetik beherako aldiak hilabeteka hainbanatuta, eta gehienez ere 12 hileko soldatarekin. Halaber enpresak konpromisoa hartu du legez dagozkion baldintzetan 55 urte edo gehiago bete dituzten langileentzat Gizarte Segurantzarekin hitzarmen berezi bat izenpetzearen kostua finantzatzeko. Batzordearen arabera, kolektibo horrek ez du dozena bat langile baino gehiago izango.
Era berean aldi baterako enplegu erregulazio txosten bat aurkeztuko du 2021 eta 2022 urteetarako, arrazoi ekonomiko eta produktiboengatik.
|
2020-12-30
|
https://www.berria.eus/albisteak/191704/espetxe-eskumena-eskualdatzeko-zirriborro-bat-adostu-dute-jaurlaritzak-eta-espainiako-gobernuak.htm
|
Politika
|
Espetxe eskumena eskualdatzeko zirriborro bat adostu dute Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak
|
Jaurlaritzak nabarmendu duenez, aurrerapausoak egin dituzte ISSN kode bibliografikoa eta errepideko garraioari buruzko transferentzietan.
|
Espetxe eskumena eskualdatzeko zirriborro bat adostu dute Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak. Jaurlaritzak nabarmendu duenez, aurrerapausoak egin dituzte ISSN kode bibliografikoa eta errepideko garraioari buruzko transferentzietan.
|
1979ko estatutuan jasota baina oraindik eskualdatu gabe dauden eskumenak transferitzeko egutegia eguneratu zuen urrian Espainiako Gobernuak, eta proposamen berria igorri zion Eusko Jaurlaritzari. Plan berriaren arabera, bi gobernuek martxorako itxiko dituzte bigarren blokeari buruzko elkarrizketak: besteak beste, espetxeetako eskumena dago zerrenda horretan.
Gaur, Jaurlaritzak ohar batean jakinarazi du bi gobernuek «bultzada handia» eman diotela eskumen hori eskualdatzeko prozesuari, alderdi nagusiak zehazten dituen zirriborro bat adostu dutelako. «Horrek agerian utzi du Espainiako Gobernuaren konpromisoa transferentzia hau gauzatzeko», erantsi du Jaurlaritzak.
Jaurlaritzako Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburu Olatz Garamendi eta Espainiako Gobernuko Lurralde Politikako ministro Carolina Darias ari dira gaiaz hizketan, eta, Jaurlaritzaren arabera, aurrerantean negoziazioaren ardatza izango da zehaztea zeintzuk izango diren Jaurlaritzak bere gain hartzen dituen zereginak eta zerbitzuak, «baita instalazioen eta giza baliabideen baldintzak, eskubideak eta betebeharrak ere. Espetxeen antolaketa eta kudeaketa, zigorren betetzearen kudeaketa eta jarraipena eta presoen tratamendu eta sailkapen programak nola egin aztertuko dute bi aldeek».
Horrez gain, presoen artean gizarte eta lan arloa, gizarte ekintza, hezkuntza eta trebakuntza, eta prebentzioa eta droga mendekotasunak errehabilitatzeko bideak aztertuko dituzte. Bestalde, Espainiako Estatuak espetxe legeriaren exekuzioa beretzat gordetzen jarraituko du, «koordinazio neurriak ahalbidetuko badira ere».
Transferentzien egutegiko lehen blokean daude, besteak beste, aseguruak, segurtasuneko zerbitzu pribatuak, meteorologia, nekazaritza aseguruak, errepideko garraioa eta itsasertzaren antolamendua eta kudeaketa. Jaurlaritzak jakinarazi duenez, aurrerapausoak egin dituzte ISSN kode bibliografikoa eta errepideko garraioari buruzko transferentzietan ere.
|
2020-12-30
|
https://www.berria.eus/albisteak/191706/eraso-egin-diote-yemengo-batasun-gobernu-berriari.htm
|
Mundua
|
Eraso egin diote Yemengo batasun gobernu berriari
|
Hainbat leherketa eta tiroketa izan dira Aden hiriko aireportuan, ministro izendatu berrien hegazkina lurreratu denean. Gutxienez 26 lagun hil dira.
|
Eraso egin diote Yemengo batasun gobernu berriari. Hainbat leherketa eta tiroketa izan dira Aden hiriko aireportuan, ministro izendatu berrien hegazkina lurreratu denean. Gutxienez 26 lagun hil dira.
|
«Gobernuko kideak Adenen gaude, behin-behineko hiriburuan, eta guztiok ondo gaude», adierazi du Maeen Abdulmalik Yemengo lehen ministroak, erasoaren ostean. Ekintza «koldarra» izan dela salatu du.
Maeen eta haren gobernuko ministroak, Defentsa ministroa izan ezik, hegazkinean iritsi dira Adenera, Saudi Arabiatik. Herrialde horretako hiriburuan, Riaden, karguari zin egin zioten, joan den larunbatean, Abd Rabu Mansur Hadi Yemengo presidentearen aurrean —Saudi Arabian bizi da—.
Yemenek batasun gobernua eratu berri du Hadiren eta herrialdearen hegoaldeko independentisten arteko akordioaren ondorioz. Bi aldeek Riadeko Ituna sinatu zuten 2019ko azaroan, gatazka militarra amaitzeko. Saudi Arabiak bitartekaritza lanak egin zituen. Hadiren sektoreak hegoaldeko independentistekin boterea banatzea onartu zuen, eta bost ministerio aitortu dizkio 24 kideko gobernuan. Independentisten Hegoaldeko Kontseilu Trantsizionalak, berriz, uko egin zion apirilean egin zuen aldebakarreko autonomia deklarazioari.
Hadi presidenteak Saudi Arabiaren babesa du, eta hegoaldeko independentistek Arabiar Emirerri Batuena. Bi aldeak ari dira Yemengo iparraldea kontrolpean duten matxino huthien kontra borrokan. 2014an, huthiek Sana hiriburua hartu zutenetik, Yemengo Gobernuak Aden hirian du egoitza.
Muamar al Eryani Yemengo Informazio ministroak huthiei leporatu die erasoaren ardura, baina horiek ukatu egin dute zerikusirik dutenik. Matxinoek hegoaldeko independentistekin lotutako «sektore mertzenarioei» egotzi die egiletza.
Erasoa gaitzetsu du Martin Griffiths Nazio Batuen Erakundeak Yemenen duen ordezkariak. Aldi berean, nabarmendu du agerian gelditu dela bakea lortzeko aurrerapausoen beharra. Ohartarazi duenez, gobernu berriak sendotasuna beharko du aurretik dituen «erronka zailei» aurre egiteko.
Yemengo gerrak krisi humanitario larria eragin du herrialdean. Biztanleen %80k, 24 milioi herritar inguruk, kanpoko laguntza behar dute bizirauteko.
|
2021-1-3
|
https://www.berria.eus/albisteak/191728/inoiz-ez-da-2020an-bezainbat-heriotza-izan-urte-bakarrean.htm
|
Gizartea
|
Inoiz ez da 2020an bezainbat heriotza izan urte bakarrean
|
Iaz baino %13 heriotza gehiago gertatu dira: 35.000, inoizko kopururik handiena. COVID-19ak eragin ditu 4.300 inguru: zortzitik bat. Ipar Euskal Herrian ez da hazkundea sentitu azarora arte. Grafikoak, albistearen barruan.
|
Inoiz ez da 2020an bezainbat heriotza izan urte bakarrean. Iaz baino %13 heriotza gehiago gertatu dira: 35.000, inoizko kopururik handiena. COVID-19ak eragin ditu 4.300 inguru: zortzitik bat. Ipar Euskal Herrian ez da hazkundea sentitu azarora arte. Grafikoak, albistearen barruan.
|
Urteko heriotzen datuak biltzen bukatzeko, Hegoaldean azken bi asteetako datuak falta dira, eta Iparraldean, azken zazpi asteetakoak; hala ere, 2020a inoizko heriotza gehieneko urtea bilakatu da dagoeneko; alde handiz, gainera. Iaz, 30.823 pertsona hil ziren, eta aurten, aste batzuetako datuak biltzea falta bada ere, 33.228 heriotza gertatu dira. Urtea bukatzeko falta diren datuekin, 35.000 heriotza inguru izango dira, iaz baino 4.000 bat gehiago, alegia —heriotzen kopuruak %13 egin du gora, kolpez, 2019tik—. COVID-19ak eragin ditu heriotzen %12.
Ez. Heriotza erregistro modernoak 1970etik aurrerakoak dira Iparraldean (INSEE Frantziako Estatistika Institutua), eta 1980tik aurrerakoak Hegoaldean (INE Espainiako Estatistika Institutua). Horien arabera, inoiz ez da hainbeste heriotza izan urte bakarrean. Aintzat hartuta 1990etik aurrera ez dela hazkunde nabarmenik izan biztanlerian, esan liteke 1936ko gerra bukatuz geroztik ez dela Euskal Herrian urte bakarrean hainbeste heriotza inoiz gertatu, 1980tik atzera orain baino biztanleria txikiagoa zuelako Euskal Herriak, eta, beraz, heriotza gutxiago gertatzen zirelako.
Azken urteetako joera izan da heriotza kopuruak gora egitea, baina 2020an gertatu dena ez da normala izan, urte batetik bestera ez baita halako hazkunderik gertatzen. Bizi itxaropena luzatuz doa azken hamarkadetan, eta gizartea gero eta zaharragoa da; horrek ekartzen du heriotza kopuruak ere handituz joatea urteetan aurrera egin ahala. Ez da hazkunde esponentziala, baina bai joera orokorra. Adibide gisa: 2010ean 27.681 heriotza gertatu ziren; 2015 arte, gorantz egin du zifra horrek, eta gero egonkortu egin da 30.000-31.000 heriotza inguruan. Horregatik ez da normala aurtengo hazkundea, kolpetik gertatu delako; COVID-19ak azaltzen du hazkunde hori.
2015ean. Urte hartan 31.463 heriotza gertatu ziren; 2020an baino 3.500 bat gutxiago. 2010etik aurrera, urte batetik bestera ez da inoiz halako jauzirik izan: igoerak edo jaitsierak, urte batetik besterako gorabeherak %2-3 ingurukoak izan dira gehienez. 2015a da hamarkadako salbuespen bakarra: heriotza kopuruak %8 egin zuen gora 2014tik 2015era. Ez zen arrunta izan. Baina 2020 ezohiko honek atzean utzi du 2015eko datua, heriotzak %13 ugaritu baitira 2019tik 2020ra. 2015aren aldean, berriz, %10 heriotza gehiago gertatu dira 2020an.
Hegoaldean, erregistro zibilek heriotza bakoitzarentzat egiten dituzten akten datuekin osatzen du estatistika INEk. Aurten, datu horien gainean estimazio bat eskaintzen ari da, bi astetik bi astera. Iparraldean, herriko etxeek emandako datuekin osatzen du estatistika INSEEk.
INEk urte oso bat behar izaten du heriotzen datuak kontrastatu eta arazteko. Berez, 2020ko heriotza datuak 2022 hasieran emango zituzkeen, baina, COVID-19aren eragina unean-unean neurtzeko, ahalegin berritzailea egin du aurten, eta asteka ematen ari da datuak —urtarrilaren erdialdera emango ditu urte osoko datuak—. Behin-behineko datuak dira, beraz, eta izan litezke gorabehera txiki batzuk oraindik, baina, hala ere, zenbat jende hil den jakiteko daturik sendoenak dira.
INSEEk hilabetero ematen ditu datuak, heriotza guztiak banaka xehatuta, egunez egun. BERRIAk asteka antolatu ditu Ipar Euskal Herriko heriotzak, Hegoaldekoekin bateratu eta konparatzeko.
Urteko lehen osteguna daukan astea zenbatzen du INEk urteko lehen aste gisa. Hori aintzat hartuta, astelehenetik igandera gertatutako heriotza guztiak batzen ditu aste bakoitzarentzat. Egutegiaren gorabeherengatik, gertatzen da bost urtean behin 53 aste izaten dituela urte estatistikoak; hurrengo lau urteek 52 aste izaten dituzte. 2020ko estatistikaren lehen asteak, adibidez, 2019ko abenduaren 30etik 2020ko urtarrilaren 5 arteko heriotzak zenbatzen ditu. Azken hamarkadan heriotza gehien gertatu diren bi aldietan, 2015ean eta 2020an, 53 aste hartu ditu estatistikak. Baina horrek ez du esplikatzen bi urte horiek izatea heriotza gehienekoak, 2020ko estatistikak 52 aste izango balitu ere, heriotza gehieneko urtea izango baitzen: 34.000 heriotza baino gehiago izango ziren.
Urteko azken bi asteetan eta urteko lehen bi hilabeteetan. Normalean, beraz, abendua, urtarrila eta otsaila izaten dira heriotza gehien gertatzen diren hilabeteak. Baina 2020a hor ere ez da izan batere normala: udaberrian eta udazkenean gertatu dira heriotza kopuru ezohikoak, goiko grafikoak erakusten duenez. Alegia, martxo bukaeran, apirilean eta azaroan pilatu dira daturik ezohikoenak, koronabirusaren olatuak indartsuen egon diren garaian.
Urte sasoiaren arabera aldatzen da, baina esan liteke 500 eta 600 pertsona artean hiltzen direla astero Euskal Herrian; batezbestekorik arruntena da. Udazken bukaeran 650era urreratzen dira, eta neguko aste batzuetan 700 edo 800 baino gehiago izan litezke. Nekez gainditzen dute kopuru hori. 2020ko lehen asteetako joera azpitik zihoan: martxoaren 22 inguru arte, iaz baino 250 bat heriotza gutxiago gertatu ziren. Orduan gertatu behar zuten urteko heriotza kopuru handienek, eta apirilean gutxitzen hasi behar zuten, baina justu kontrakoa gertatu zen.
Areago, Euskal Herrian, orain arte, behin bakarrik hil dira aste bakarrean 900 lagun baino gehiago. 2020ko martxoaren 23tik apirilaren 12rako hiru asteetan, ordea, 1.000 heriotza baino gehiago gertatu ziren astero, hiru astez jarraian. Sekula ez da halako daturik erregistratu. Abuztutik aurrera ere ezohiko datuak izan dira, berez heriotza gutxieneko asteak diren arren: normalean, udatik aurrera, nekez izaten dira astean 600 heriotza, baina 2020ko aste askotan gainditu da kopuru hori; urritik aurrera batez ere.
Hori ere ez. Uztaileko lehen bi asteetan, asteko 500 heriotza baino gutxiago izan ziren, baina jaitsiera hori ez zen esanguratsua eta jarraitua izan. Bestela esanda: udaberrian normala dena baino askoz jende gehiago hiltzeak ez zuen ekarri udan normala dena baino askoz gutxiago hiltzea. Eta jaitsiera apal eta puntual horrek ez du orekatu urteko igoera ezohikoa.
Koronabirusak gutxienez 4.008 heriotza eragin ditu abenduaren 27 arte. Hori da datu ofiziala, eta kontrastatu liteke beste datuekin. INEk abenduan argitaratu du 2020ko lehen bost hilabeteetan gertatutako heriotza guztien arrazoien zerrenda. Datu horien arabera, infekzioek 2.554 heriotza eragin zituzten Hegoaldean; COVID-19ak eragindako heriotzak atal horretan sailkatu ditu. Aurreko urteetan, epe berean, 200 pertsona baino gutxiago hil izan dira infekzio arazoengatik. Hortaz, COVID-19ari egotzi dakizkioke 2.350 heriotza inguru urteko lehen bost hilabeteetan Hegoaldean.
2010 eta 2019 arteko heriotza guztien batezbestekoarekin alderatuta ere antzekoa da emaitza. 2020an, batezbesteko horren arabera hil behar zutenak baino 2.500 pertsona inguru gehiago hil baitira maiatz bukaera arte. Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko Osasun sailek emandako datuen arabera, berriz, 2.081 heriotza eragin zituen koronabirusak urteko lehen bost hilabeteetan.
Datu horiek urte osora zabalduz gero, ustez gertatu behar zuten baino 4.300 bat heriotza gehiago gertatuko dira 2020an, guztira. Alegia, urteko heriotza guztien %12 inguru eragin ditu koronabirusak.
Ez. 2020ko negu hasieran, urtarrilean eta otsailean, iaz baino heriotza gutxiago gertatu ziren. Udaberrian, martxotik aurrera, aste gutxitan hazkunde handia izan zen heriotzetan; udazkenean, hazkundea apalagoa izan da, baina gehiago iraun du jaitsi gabe. Aintzat hartu behar da heriotzena ez dela estatistika lineal bat; gorabehera handiak izaten ditu. Halere, badira patroi batzuk: adibidez, inoiz ez dira kateatzen gehiegizko heriotzen aste asko segidan. 2020a salbuespena izan da horretan ere: 2010 eta 2019 arteko datuekin alderatuta, koronabirusa agertu zenetik ia astero gainditu da asteko heriotzen kopurua batez besteko: hain zuzen, koronabirusa agertu zenetik joan diren 44 asteetatik, 37tan gainditu da batezbestekoa.
Ez: lurralde bakoitzak bere bilakaera izan du, eta heriotza guztien estatistikak nahiko zehatz erakusten du koronabirusak nola eragin duen leku bakoitzean.
Araban, martxoan eta apirilean gertatu zen heriotzen ugaritze nabarmenena. Hortik aurrera, ez da ezohiko daturik izan, abenduko lehen bi asteetara arte. COVID-19aren lehen olatuak bete-betean harrapatu zuen herrialdea, baina bigarren olatuak ez du hainbeste heriotza eragin. Lehen olatuan 390 bat izan ziren gehiegizko heriotzak —2010-2019 aldiarekin konparatuta—, eta bigarrengoan, 140 bat. Espero ziren heriotzak baino %20 gehiago gertatu dira.
Bizkaiak antzeko joera izan du, baina biztanleriarekiko proportzioan txikiagoa da eragina, kopuru absolutuak handiagoak izan arren: koronabirusaren lehen olatuaren garaian gehiegizko 1.000 bat heriotza izan ziren Bizkaian, eta bigarren olatuan, 580 bat. Udazkeneko heriotza datuetan Bizkaian ere hazkunde bat sentitu den arren, ez dira datu hain ezohikoak izan. Espero zitezkeen heriotzak baino %13,5 gehiago gertatu dira 2020an.
Nafarroak, berriz, bi olatuak harrapatu ditu, eta gehiegizko heriotzen lasta han nabaritu da gehien. Lehen olatuan gehiegizko 730 bat heriotza zenbatu zituzten, eta bigarrengoan, 400 bat. Espero zitezkeen baino %20,5 heriotza gehiago gertatu dira urte osoan, Araban bezalatsu, baina Araban udaberrian kontzentratu zen hazkunde hori. Nafarroan, berriz, heriotza kopuru altuak izan ziren udaberrian, eta udazkenean ere goitik ibili dira, Gipuzkoan bezain nabarmen ez bada ere.
Bada joera orokor bat Araban, Bizkaian eta Nafarroan: koronabirusaren bigarren olatuaren sasoian heriotza kopuruak altuak izan dira, baina ez lehen olatuan bezain altuak, eta denbora luzeagoa iraun dute. Udaberrian, heriotza asko denbora gutxian pilatu ziren; udazkenean, heriotza gutxiago izan dira, baina olatua luzeagoa da. Gipuzkoan eta Iparraldean bestelakoa izan da bilakaera: bigarren olatuaren garaian heriotza gehiago gertatu dira.
Gipuzkoan, udaberrian, hiruzpalau astetan pilatu ziren gehiegizko heriotza kopuru esanguratsuak (350 inguru) eta Hegoaldeko beste probintzietan, sei astez. Horrek adierazten du koronabirusaren lehen olatuaren eragina beste lurraldeetan baino ahulagoa eta laburragoa izan dela Gipuzkoan. Bigarren olatuak, aldiz, eragin handiagoa izan du: gehiegizko 625 bat heriotza. Bigarren olatuan lehendabizikoan baino gehiegizko heriotza gehiago pilatu dituen lurralde bakarra da Hegoaldekoen artean; urritik aurrera hasi da hazkundea. Esperotako heriotzak baino %14,5 inguru gehiago izan dira 2020an.
Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako datuek bestelako errealitate bat erakusten dute, guztiz diferentea: ez dute gehiegizko heriotza kopururik izan udaberrian —grafiko honetan batuta agertzen dira hiru probintzietako datuak, Zuberoako eta Nafarroa Behereko datuak txikiegiak direlako estatistikoki landu ahal izateko, beste probintziekin konparazioz—. Are gehiago baita: iaz baino 70 bat heriotza gutxiago izan dira ekainera arte. Koronabirusaren lehen olatuak ez du inolako aztarnarik utzi Ipar Euskal Herriko heriotzen estatistikan. Udan eta udazken hasieran ere ez da sentitu birusaren eragina, baina azaroko lehen bi asteetako datuek beste zerbait erakusten dute: gehiegizko 70 bat heriotza pilatu dira bi aste horietan —urte osoan 110 inguru lirateke—. Azaro erditik aurrerako datuak falta dira, eta urteko azkeneko zazpi asteetako datuak ikusi beharko dira joera baieztatzeko, baina datuek iradokitzen dute Ipar Euskal Herrian koronabirusaren bigarren olatuak eragina izan duela bat-bateko heriotzen ugaritze horretan azaro hasieran, udazkenean hasi baitziren kutsatzeak ugaritzen.
Ez du itxurarik. INEren arabera, urteko lehen bost hilabeteetan hirugarren heriotza arrazoia izan da COVID-19a. Hegoaldean, maiatza bukatu arte, 3.367 pertsona hil ziren tumoreengatik (2016an, epe berean, 3.325); hori izan ohi da heriotza arrazoi nagusia. Zirkulazio aparatuko arazoek eragin zituzten 2.296 heriotza epe horretan (2016an, 3.250); bigarren heriotza arrazoi nagusia izan ohi da. Infekzioek eta koronabirusak eraginda hil ziren 2.554 (2016an, 189). Arnas aparatuko arazoengatik 1.162 hil ziren (2016an, 1.260). Buruko eta portaera nahasmenduek eragin zituzten 913 heriotza (2018an, 911). Ondorioztatzen da COVID-19ak eragindako heriotzen ugaritzeak ez duela ekarri aldaketa nabarmenik beste heriotza arrazoietan. Urteko lehen bost hilabeteetako datuak dira, baina joera argia erakusten dute: ez da hazkunde esanguratsurik izan beste heriotza arrazoietan, eta jaitsiera nabarmenik ere ez.
|
2020-12-31
|
https://www.berria.eus/albisteak/191729/ibilbide-komunaren-azken-orduak.htm
|
Ekonomia
|
Ibilbide komunaren azken orduak
|
Gauerdian amaituko da 47 urtez Erresuma Batua eta Europako Batasuna batu dituen harremana. Bart eman zion baizkoa akordioari Erresuma Batuko Lorden Ganberak, eta Elizabeth II. erreginak sinatu zuen ituna.
|
Ibilbide komunaren azken orduak. Gauerdian amaituko da 47 urtez Erresuma Batua eta Europako Batasuna batu dituen harremana. Bart eman zion baizkoa akordioari Erresuma Batuko Lorden Ganberak, eta Elizabeth II. erreginak sinatu zuen ituna.
|
Azkenean iritsi da brexit-a gauzatuko den eguna, akordio eta guzti gainera. Erresuma Batuak gauerdian utziko dio erabat Europako Batasuneko kide izateari. 47 urtez izan da kide, 1973. urtean Irlanda eta Danimarkarekin batera batasunean sartu zenetik gaur arte. 11 hilabetez negoziatzen jardun ostean, joan den astean adostu zuten akordioa Bruselak eta Londresek, eta azken egunetan akordioa gaur gauean gauzatu ahal izateko pausoak ematen jardun dira.
Azken urrats horiek atzo eman zituzten Erresuma Batuan: Komunen Ganberak arratsaldean eman zion baiezkoa itunari; jarraian Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak sinatu zuen akordioa; Lorden Ganberak gauean eman zion baiezkoa; eta, azkenik, Elizabeth II. erreginak sinatu zuen bi aldeek adostutakoa, gauerdian.
Amaierara iritsi da lau urte eta erdi iraun duen prozesua, baina gutxiengoak soilik adostu dituzte Bruselak eta Londresek, eta aurrerantzean ere negoziatzen jarraitu beharko dute harreman berriaren oinarriak ezartzeko. Johnsonek atzo esan zuenez, gaur gauean «garai berri bat hasiko da Erresuma Batuarentzat». Gehitu zuen aurrerantzean Europako Batasuna izango dela Londresen aliatu nagusia: «Kostata, baina iritsi da momentua, eta baliatu egin behar dugu».
Bihar gauzatuko da brexit-a eta berrezarriko dira mugak eta aduanak Mantxako kanalaren alde bietan. Dena den, ituna ez da osorik aplikatuko denbora batez, Europako Parlamentuak onartu arte, gutxienez. Aurreikusita dago bozketa hori urtarrilaren 18ko astean egitea.
|
2021-1-1
|
https://www.berria.eus/albisteak/191732/positiboen-portzentajeak-abenduaren-27an-utzi-zion-jaisteari.htm
|
Gizartea
|
Positiboen portzentajeak abenduaren 27an utzi zion jaisteari
|
Egunez eguneko portzentajeen gorabeherek ez dute joera garbi erakusten, baina hamalau eguneko batez bestekoek argi erakusten dute positiboen portzentajea ugaritu egin dela, proba gutxiago egin arren.
|
Positiboen portzentajeak abenduaren 27an utzi zion jaisteari. Egunez eguneko portzentajeen gorabeherek ez dute joera garbi erakusten, baina hamalau eguneko batez bestekoek argi erakusten dute positiboen portzentajea ugaritu egin dela, proba gutxiago egin arren.
|
COVID-19aren bigarren olatuak azaroaren 7an jo zuen goia. Administrazioek egunero ematen dituzten datuak bezperakoekin alderatuta ezin da joera garbi ikusi, egun batzuetan gora eta besteetan behera egiten baitute; baina hamalau egunetan pilatzen diren datuen batez bestekoak kalkulatzen ditu BERRIAk, eta batezbesteko horiek joera askoz garbiago erakusten dute. Azaroko lehen astean iritsi zen positiboen kopurua gailurrera. Geroztik behera egin du, nabarmen. Baina abendu bukaeran eten egin da joera.
Abenduaren 10ean moteldu zen beheranzko joera; ordura arte bizkor gutxitu ziren positibo berriak. Hurrengo bi asteetan, abenduaren 24 arte, batez beste egunero 530 eta 580 kasu positibo berri atzeman zituzten Hego Euskal Herrian. 500etik behera ere egin zuen hurrengo egunetan, baina abenduaren 31n eta urtarrilaren 1ean koronabirusak kutsatutakoen kopuruak goranzko joera hartu du ostera.
Aldeak txikiak dira berez. Abenduaren 17 eta 30 artean, egunero batez beste 457 kasu positibo berri atzeman zituzten; abenduaren 18 eta 31 artean, 466; abenduaren 19 eta urtarrilaren 1 artean, 473. Goranzko joera txikia da, eta ikusi beharko da datozen egunetan joera horri eusten dion, baina, edozein moduz, azaroaren 7tik aurreneko aldiz egin du gora.
Positiboen portzentajea ere gora
Gainera, positiboen portzentajeak ere goranzko joera hartu du. Datu horrekin ere, egun batetik bestera gorabehera handiak izaten dira, eta joera argiago ikusteko azkeneko hamalau egunetako batez bestekoak kalkulatzen ditu Berriak, bilakaera argiago ikusten delako.
Batez besteko horiek erakusten dute abenduaren 24az geroztik gutxitzen ari dela Osakidetza eta Osasunbidea batez beste egiten ari diren proba kopurua. Eta, kontrara, egindako proba horietatik positibo eman dutenen portzentajea igotzen ari da: abenduaren 16 eta 29 arteko positiboen portzentajea %4,46koa zen; abenduaren 19 eta urtarrilaren 1 arteko portzentajea, %5,08koa. Hazkundea txikia da oraindik, baina azaroaren 8tik jaitsi egin da —positiboen batez bestekoa %9,57koa zen orduan—, baina denbora gutxian azkar igo da ostera, eta hurrengo egunetan joera zein den aztertu beharko da.
Atzo 628 positibo berri atzeman zituzten Hego Euskal Herrian, 9.157 PCR eta antigeno test eginda. Bizkaian 235 kasu berri atzeman zituzten (bezperan baino sei gutxiago); Gipuzkoan, 163 (-26); Nafarroan, 138 (+1); eta Araban, 82 (+18).
Ospitaleratzeei buruzko datu zehatzak ez dituzte eguneratzen jai egunetan. Osakidetzak jakinarazi du 35 ospitaleratze gehiago izan zirela atzo. Osasunbideak ez ditu datuak eguneratu, baina 98 lagun inguruk jarraitzen dute Hegoaldeko zainketa intentsiboetako unitateetan.
|
2021-1-2
|
https://www.berria.eus/albisteak/191733/dozenaka-zibil-hil-dituzte-kivu-iparraldean.htm
|
Mundua
|
Dozenaka zibil hil dituzte Kivu Iparraldean
|
Indar Demokratiko Aliatuak miliziari egotzi dizkiote hilketak. Agintarien arabera, 24 gorputik gora aurkitu dituzte orain arte.
|
Dozenaka zibil hil dituzte Kivu Iparraldean. Indar Demokratiko Aliatuak miliziari egotzi dizkiote hilketak. Agintarien arabera, 24 gorputik gora aurkitu dituzte orain arte.
|
Tingwee herrian izan da erasoa, Kivu Iparraldea probintzian. Agintarien esanetan dagoeneko 24 hilotz aurkitu dituzte, haietako asko burua moztuarekin. ADF Indar Demokratiko Aliatuak miliziari egotzi diote erasoa, eta lekukoen arabera hildakoen kopuruak gora egin dezake datozen orduetan, bilaketa lanek aurrera egin ahala. Sabiti Nziamonja gobernadoreak zabaldu duenez, ostegun arratsaldean eraso zieten milizianoek herritarrei, haietako asko landa eremuan lanean ari zirenean. «Toki berean bildu zituzten biktima guztiak, lotu eta aihotzekin hil zituzten».
ADF miliziak EI Estatu Islamikoarekin lotzen dituzte askok, eta 1990eko hamarraldian sortu ziren. Iaz Kongoko armadak operazio zabal bat abiatu zuen miliziaren aurka, eta lortu zuen haiek euren base militarretatik bidaltzea, baina soilik talde txikiagoetan banatu eta oihanean ezkutatzeko. Geroztik gogortu egin dituzte zibilen aurkako erasoak.
NBE Nazio Batuen Erakundeak bildutako informazioaren arabera, egur trafikoari esker finantzatzen du miliziak bere burua, eta lan horretan militarren laguntza duela uste dute nazioarteko begiraleek.
|
2021-1-2
|
https://www.berria.eus/albisteak/191734/poliziek-dozenaka-herritar-salatu-dituzte-arauak-hausteagatik.htm
|
Gizartea
|
Poliziek dozenaka herritar salatu dituzte arauak hausteagatik
|
Bilboko hotel batean 21 pertsona atzeman dituzte, hiru gelatan festak egiten. Gasteizen, festa batean harrapatu dituzte hamabost lagun.
|
Poliziek dozenaka herritar salatu dituzte arauak hausteagatik. Bilboko hotel batean 21 pertsona atzeman dituzte, hiru gelatan festak egiten. Gasteizen, festa batean harrapatu dituzte hamabost lagun.
|
Urtezahar gaua ospatzeko elkarretaratze gehienak arazorik gabe pasatu dira, baina izan dira salbuespen batzuk. Bilboko hotel batean, ostatuko bertako harrerako langileak ohartarazi ditu poliziak goizalde honetan, gela batzuetan festak egiten ari zirela sumatuta, eta gela horietan erregistratuta zeudenak baino pertsona gehiago elkartu direla irudituta.
Ertzainak joan dira hotelera —ez dute jakinarazi izena—, eta hiru gelatan 21 lagun atzeman dituzte, festa egiten. Gelak hartuak zituztenak baino jende gehiago zegoen elkartuta festa horietan. Lotarako lekua hartuta, urteko azkeneko eguna ospatzen ari ziren. Ostatu publikoetan festak egitea propio debekatu zuten agintariek.
Antzera gertatu da Urolako Kostako (Gipuzkoa) nekazalturismo batean —ez dute herria zehaztu—. Hogei lagun atzeman dituzte, ospakizunetan. Salatu egin dituzte horiek guztiak, isunak jar diezazkieten, koronabirusaren aurkako araudiak urratzeagatik.
Horiez gain, beste 40 pertsona ere identifikatu dituzte poliziek, hainbat etxetan, osasun arauak urratzeagatik. Bilbon, Donostian, Aramaion (Araba) eta Deban (Gipuzkoa) gertatu da hori. Ostatu batzuk ere salatu dituzte, gehienezko edukiera gainditzeagatik.
Gasteizko udaltzainek, berriz, hamabost lagun atzeman dituzte Ali Gobeo industria gunean. Festa bat egiten ari ziren, legez kanpo, polizien esanetan. Gasteizko udaltzainek beste 26 lagun ere salatu dituzte goizaldean.
Nafarroan, berriz, foruzainek beste 22 pertsona salatu dituzte, osasun neurrian urratzea leporatuta. 22 horietatik hamalauri leporatu diete etxeratzeko agindua indarrean jarri eta geroago kalean ibiltzea. Ostatu batzuk ere salatu dituzte gehienezko edukiera gainditu dutelakoan.
Iruñean, udaltzainek eta foruzainek 47 salaketa jarri dituzte goizaldean. Horietatik hamalau, maskararik ez erabiltzeagatik salatu dituzte; beste 21, berriz, distantzia gorde gabe erretzen ibiltzeagatik.
Zaborrontzi erreak
Zaborrontziak ere erre dituzte joan den goizaldean hainbat lekutan. Bizkaiko suhiltzaileek jakinarazi dute Barakaldon, Derion, Getxon, Nabarnizen eta Sestaon, gutxienez, su emanda erretzen ari ziren zaborrontziak itzaltzen aritu behar izan dutela.
|
2021-1-2
|
https://www.berria.eus/albisteak/191735/gizon-bat-atxilotu-dute-arrasateko-emakume-bat-hiltzea-leporatuta.htm
|
Gizartea
|
Gizon bat atxilotu dute, Arrasateko emakume bat hiltzea leporatuta
|
Kanaria Uharteetan bizi zen 65 urteko andrea orain dela hamar urtetatik, eta abenduaren 28az gero desagertuta zegoen. Lagun batek salaketa jarri zuen. Guardia Zibilak gorpuzki batzuk aurkitu zituen bizitokian, eta bere bikotekidea atxilotu, gizonezko bat: aitortu du berak hil zuela.
|
Gizon bat atxilotu dute, Arrasateko emakume bat hiltzea leporatuta. Kanaria Uharteetan bizi zen 65 urteko andrea orain dela hamar urtetatik, eta abenduaren 28az gero desagertuta zegoen. Lagun batek salaketa jarri zuen. Guardia Zibilak gorpuzki batzuk aurkitu zituen bizitokian, eta bere bikotekidea atxilotu, gizonezko bat: aitortu du berak hil zuela.
|
Marian Ibarluzea Arrasateko (Gipuzkoa) emakumeak hamar urte zeramatzan Kanariar Uharteetan bizitzen, eta duela hiru hilabete ezagutu zuen bikotekidea. Azken egunetan Ibarluzearekin kontaktuan jartzea lortzen ez zuenez, haren lagun batek salaketa ipini zuen, eta abenduaren 30ean topatu zituzten gorpuzki batzuk, desagertutako andrearen etxean, Kanaria Handian.
Bikotekidea komisariara joan zen abenduaren 31n, eta aitortu zuen berak hil zuela Ibarluzea, eta hilotza etxebizitzaren alboan lurperatu zuela. Epaileak baldintzarik gabeko espetxealdira bidali du gizonezkoa.
2020. urteko azken hilketa matxista salatzeko, Arrasaten elkarretaratzea egingo dute larunbat honetan, abenduak 2, herriko plazan, 12:30ean Emakumeon Mundu Martxak, Pottogorriak eta Bilgune Feministak deituta.
Bost hilketa urtebetean
2003az geroztik, 107 emakume eta 11 ume hil ditu indarkeria matxistak. Ibarluzearenarekin, bost izan dira 2020. urtean indarkeria matxistaren ondorioz hildako emakumeak, BERRIAren zenbaketaren arabera. Itxialdia hasi baino lau egun lehenago, martxoaren 11an gizonezko batek haren bikotekidea eta alaba hil zituen Abanton (Bizkaia). Etxeratze agindua hasi eta berehala, berriz, martxoaren 16an bere ama hil zuen gizonezko batek Soraluzen (Gipuzkoa). Maiatzaren 6an, berriz, Angelun (Lapurdi) 83 urteko bere emaztea hil zuen 89 urteko gizonezko batek, eta, ondoren, bere buruaz beste egin zuen.
|
2021-1-2
|
https://www.berria.eus/albisteak/191736/behe-lainoa-itzuli-da-mantxara.htm
|
Ekonomia
|
Behe lainoa itzuli da Mantxara
|
Erresuma Batuak Europako Batasunari lotuta egoteari utzi dio, 47 urteren ondoren bLehen eguna lasaia izan da mugetan, kontrolak areagotu eta zorroztu diren arren
|
Behe lainoa itzuli da Mantxara. Erresuma Batuak Europako Batasunari lotuta egoteari utzi dio, 47 urteren ondoren bLehen eguna lasaia izan da mugetan, kontrolak areagotu eta zorroztu diren arren
|
Behe lainoa itsasartean; kontinentea, bakarturik». Kondairak dio 1930eko egunkari ingeles batek titulu hori baliatu zuela behe-laino itxiak Mantxako itsasartean nabigatzea ezinezkoa egin zuen egun batean. Ez dirudi inoiz publikatu zenik, baina esaldiaren ironiak ezin hobeto erakusten du britainiarren zati batek nola ikusten duen Erresuma Batuaren eta Europa kontinentalaren arteko harremana. Bada, 47 urteren ondoren, behe laino hori itzuli egin da gaur Mantxako kanalera, Erresuma Batuak hautsi egin baitzuen 1973az geroztik Europako Batasunera lotzen zuen harremana. Behe-lainoa itzuli da, eta luzerako dago.
Brexit-a jada ez da kontserbadore talde batek amestutako eta prentsa eurofobo eta sentsazionalista batek elikatutako proiektu bat, baizik eta errealitatea, 2021. urtea hastearekin batera iraungi zelako azken 11 hilabeteetan Erresuma Batua EBra lotzen zuen haria —iaz atera zen ofizialki, baina trantsizio epe batean zegoen—.
Brexit-aren azken urteetako aurpegi ezagunenak, Boris Johnson oraingo lehen ministro britainiarrak, une historikoa aipatu zuen Urtezaharreko mezuan: «Aske gara EBko geure adiskideen aldean gauzak desberdin egiteko, eta beharrezkoa bada, hobeto. Askatasuna dugu, eta geure esku dugu ahalik eta etekin handiena ateratzea».
Askatasun horrekin zehazki zer egin behar duen ez du argitu Johnsonek, eta badira EBrekiko erabat aske ez, baina Johnsonekiko eta Londresekiko aske bai izan nahi dutenak. «Eskozia aurki izango da bueltan; Europa, utzi argia piztuta», txiokatu zuen Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak. Independentziari buruzko bigarren erreferendum bat antolatzeko asmoa du Sturgeonek, datorren maiatzean SNPk gehiengoa berritzen badu Eskoziako Parlamentuan.
Balizko erreferendum horrek zer ekar dezakeen jakin bitartean, egoera berriak aldaketa handiak ekarriko ditu Erresuma Batua osatzen duten nazioen eta EB barruan daudenen artean, tartean Euskal Herria. Hona aldaketa horietako batzuk:
Bisita laburretarako bada, EBko beste herritarrek ez dute bisarik beharko egonaldia gehienez sei hilabetekoa baldin bada; sei hilabetetik aurrera, hortaz, beharrezkoa izango da bisa bat eskuratzea. Aldiz, Erresuma Batuan sartzearen arrazoia hirugarren lurralde batera joatea bada, orduan ere ez da bisarik beharko.
Aurtengo urrira arte nahikoa izango da nortasun agiria erakustearekin; hilabete horretatik aurrera, ordea, pasaporte bat edo «bidaia dokumentu bat» erabiltzea beharrezkoa izango da, betiere eguneratuta baldin badago eta egonaldiak iraun bitarterako erabilgarria bada.
Erresuma Batuko Gobernuak ohartarazi du beste dokumentu batzuk erakustea ere beharrezkoa izan daitekeela. Hala, mugako zaindariek honakoak frogatzeko eskaria egin dezakete: bidaia turismo bisita bat izango dela; bidaiariak egonaldirako behar adina funts duela eta egonaldiak iraun bitarterako toki bat duela; herrialdetik ateratzeko bidaia ordaindu ahalko duela; eta bisitaren ostean Erresuma Batutik aterako dela.
Bidaiari bakoitzak tabako, alkohol eta janari kopuru mugatu bat soilik garraiatu ahal izango du tasarik ordaindu nahi ez badu. Haragirik eta esnekirik ezingo da eraman.
Ez. Hortaz, NHS Erresuma Batuko sistema publikoa erabiltzen dutenek beren artak eragindako gastuak ordaindu beharko dituzte, edo aseguru pribatu bat kontratatu. Gidatzeko, berriz, guztiz baliogarriak izango dira EBko estatuetako gidabaimenak.
Herrialdea EBtik atera denez, sakelakoen tarifak aldatu egingo dira, eta roaming-a itzuliko da. Norberak bere konpainiari galdetu beharko dio zeintzuk izango diren aldaketak; halere, Londresek eta Bruselak operadoreei eskatuko diete «arrazoizko prezio gardenak» ezartzeko.
Londresko gobernuak puntuetan oinarrituriko migrazio sistema bat jarri du indarrean, eta honakoetan oinarrituko da: lan eskaintza bat izatea, hizkuntza menperatzea, soldata eta hezkuntza maila. Lanerako bisa bat lortzeko, gutxienez 70 puntu lortzea beharrezkoa izango da, eta horiek jasotzeko baldintzak gogorragoak edo malguagoak izango dira sektorearen eta soldataren arabera. Langile kualifikatuen kasuan, esaterako, lan eskaintza bat izateagatik 40 puntu emango dituzte, eta beste hamar hizkuntza menperatzeagatik; gainontzeko 20ak soldataren araberakoak izango dira, urteko gutxienez 25.600 liberakoa (28.210 eurokoa) izan beharko baitu.
Langile eskari handia dagoen sektoreetan soldata kopuruaren muga 20.480 liberakoa izango da (22.700 euro) —erizainen kasuan, adibidez—, eta doktoretza bat izateak ere puntu gehiago lortzeko balio dezake.
Finean, sistema berri horren helburua immigrazioa kontrolatzea da; zehazki, «Europako langileria merkearekiko dependentzia amaitzea», gobernuaren iragan otsaileko dokumentu baten arabera. Hortaz, langile kualifikatuak ez direnentzat zailagoa izango da Erresuma Batuan lan egitea.
2021 hasi arte han bizi zirenek beren eskubideei eutsiko diete, eta haien estatusa ez da aldatuko. Hori bai, EU Settlement Scheme delakoan eman beharko dute izena aurtengo ekainaren 30a baino lehen. Horretan ere badaude kontuan hartu beharreko xehetasunak: bost urte baino gutxiago daramatenek egoitza baimen mugatua jaso ahalko dute (pre-settled status delakoa), bost urteko epe hori bete eta egoitza baimen mugagabea eskatzeko (settled status). Azken hori lortzen dutenek Erresuma Batuan bizitzen jarraitu ahalko dute gainontzekoen eskubide berekin. Hortaz, bost urte baino gehiago bizitzen daramaten euskal herritarrek zuzenean egoitza baimen mugagabea eskatu beharko dute.
Gauzak zailagoak izango dira aurten Erresuma Batura bizitzera joan nahi dutenentzat. Puntuetan oinarrituriko migrazio sistema gainditu beharko dute, eta, horrez gain, herrialdean lan egiteko bisa bat eskatu beharko dute. Horrek ahalbidetuko die han bizitzea.
Erresuma Batua Erasmus+ programatik atera da, «garestiegia» dela argudiatuta. Halere, hango unibertsitateek behin-behinean parte har dezakete programan, betiere funtsa 2020a amaitu aurretik esleitu badiete; kasu horretan, ikasleen mugikortasuna bermatuta egongo da 2021-2022 urte akademikoa amaitzen den arte.
Hori bai, Euskal Herriko ikasleek migrazio erregulazio berriei egin beharko diete aurre: gehienez sei hilabeterako badoaz, ez dute bisarik beharko; aldiz, egonaldiak urte erdi baino gehiago irauten badu, ikasle bisa bat eskatu beharko dute, eta 385 euroko kostua izango du. Kasua edozein dela ere, matrikulaziorako gastuak nabarmen handituko dira, Erresuma Batua programatik atera delako. Londresek iritzia aldatuko balu, aukera izango luke berriz Erasmus+ programan sartzeko, nahiz eta EBko estatu kide ez izan, Turkiaren, Islandiaren, Norvegiaren eta Serbiaren kasuan bezala.
Ingelesa ikasteko egonaldien kasuan, berriz, epe laburreko ikasketa bisa bat izango da beharrezkoa, Short-term study visa delakoa.
Azken unean, Brusela eta Londres gai izan ziren merkataritza librerako akordio bat lortzeko. Erresuma Batuko Parlamentuak asteazkenean onartu zuen, larrialdiko prozedura baten bitartez, eta hemendik aste gutxi batzuetara gauza bera egin beharko luke Europako Parlamentuak. Bitartean, behin-behinean sartu da indarrean. Akordio horren bitartez, ez da muga-zergarik eta kuotarik izango bien artean. Hau da, EBk Erresuma Batura doan produktuak, edo alderantzizko bidea egiten duenak, ez duela aduanan ezer ordaindu beharko, eta ezingo dela kopuru batera mugatu.
Edonola ere, Erresuma Batua , EBko merkatu bakarretik eta aduana batasunetik kanpo egongo da. Horrek esan nahi du produktuak ezingo direla besterik gabe batetik bestera igaro: muga bat zeharkatu beharko dute, eta kontrolak igaro beharko dituzte.
«Ez zaitezte engaina. Gaurdanik, Erresuma Batuarekin edo haren bitartez negozioak egiten dituenak errealitate berri bat izango du: aduanako kontrolak, osasunekoak eta albaitarienak elikagaiak tartean daudenean, esportazioen deklarazioak, osasun agiriak, araudiei buruzkoak; horrek dakartzan paperekin eta kostuekin». Argi da Simon Coveney Irlandako Atzerri ministroak atzo egindako oharra: garestia aterako da lan eta kostu aldetik Erresuma Batua merkatu bakarretik ateratzea. Agian beste inork baino gehiago pairatuko du Irlandak, hark duelako merkataritza harreman estuena Erresuma Batuarekin. Zorionez berarentzat, Ipar Irlanda egoera berezian egongo da, merkataritza aldetik EBri lotuta jarraituko baitu, Ostiral Santuko bake akordioa ez arriskuan jartzeko eta iparraren eta hegoaren arteko harreman gero eta estuagoa ez hausteko.
Lehen eguna lasaia izan zen Irlandako Errepublikako portu nagusietan, Urte Berria izanik kamioi gutxi batzuk ez zirelako iritsi Galestik zihoazen ferryetan. Baina arazoak datorren astean iritsi daitezke. «Atzerapenak izango dira, eta ezingo da eragotzi Dublingo portuan kaosa sortzea hurrengo egunotan», iragarri du Eugene Drennan Irlandako garraio patronaleko buruak.
Egoera barea izan zen Ingalaterra hegoaldeko portuetan ere, eta horrela lortu zuen Boris Johnsonek nahi zuen argazkia: brexit patxadatsuarena. Doverren eta Folkestonen ez ziren joan den asteko irudiak errepikatu, koronabirusaren mutazioaren ondorioz Frantziak mugak itxi eta kamioien ilada luzeak sortu zirenean. Kamioi gutxi eta aise zirkulatzen.
Egoera bertsua izan zen kontinentearen sarrera nagusian, Calaisen (Frantzia). 10:15ean iritsi zen lehen ferrya, Pride of Kent eta 36 kamioi jaitsi ziren bertatik: 33k bidea jarraitzeko argi berdea jaso zuten, bidaiak iraun bitartean aduanen arduradunek haien paperak Internet bidez aztertu eta egokitzat jo zituztelako; beste hiruek argi laranja izan zuten eta zorrotz aztertu zituzten mugazainek. Argi gorria dutenei ez diete utziko muga igarotzen, baina atzo ez zen halakorik izan.
Hurrengo asteak baino, otsailetik aurreragokoek kezkatzen dituzte portuetako arduradunak, ordurako espero baitute trafikoak bere ohiko martxa berreskuratzea. Izan ere, brexit-aren aurretik biltegiak betetzen aritu ziren EBko produktuak edo osagaiak behar dituzten enpresek, eta stock hori hustu arte trafiko gutxiago espero da. Egunero, batez beste, 12.000 kamioik gurutzatzen dute Mantxako itsasartea.
Edonola ere, bada beste faktore bat kontuan hartu behar dena: zer punturaino izango dira zorrotzak kontrolak? Londresek jada esan du lehen hilabeteetan oso malgu jokatuko duela, bere enpresei tramiteak egiten ikasteko denbora eman nahi dielako —eta azpiegiturak prest ez dituelako—. Kalkulatu duenez, enpresa txikien erdia ez da egokitu, eta askok ez dute esportatzeko baimenik ere eskatu. Kamioilariek ere baimen berezi bat beharko dute alde batetik bestera joateko. Ikusteko dago EBk edo haren kide diren estatuek zer nolako jokaera duten.
Zalantzetako bat zen zer gertatuko den Gibraltarren, baina azken orduan Erresuma Batuko eta Espainiako gobernuak ados jarri dira: herritarrak libre mugitu ahal izango dira lurretik, eta kontrolak aireportuan eta portuan izango dira. Ondasunen trafikoari buruz negoziatzen jarraituko dute.
Zaila da jakitea zenbat, baina pentsatzekoa da kontrolek gutxitu egingo dutela EBren eta Erresuma Batuaren arteko merkataritza. Arrain freskoen alorrean, esaterako, enpresa txiki asko kexatu egin dira kontrolen ondorioz beren produktuek behar baino denbora gehiago beharko dutela mugak igarotzeko, eta, agian galduko direla.
Euskal Herrian eragina izan dezake egoera berriak, Erresuma Batua bazkide komertzial handia delako. 2019an, Hego Euskal Herrien esportazioen %8,4 joan ziren hara, ia 3.000 milioi euro —autoetarako osagaiak, makinak, ardoa...—; inportazioak gutxiago dira, %2,9 edo 750 milioi euro.
Aldaketak are handiagoak izan daitezke baldin eta etorkizunean Erresuma Batuak erabakitzen badu bere ingurumen, lan edo estatu laguntzei buruzko araudia aldatzea. Izan ere, akordioa lortzeko traba nagusia izan da Bruselak joko zelai orekatua nahi zuela, hau da, ez ziola bere merkatu zabala ireki nahi araudi malguagoekin merkeago ekoitz zezakeen lehiakide bati. Azkenean, Londresek lelo hori onartu du, eta antzeko araudiak izango dituzte bi aldeek, aldi baterako behintzat. Baina halaber hitzartu dute batek araudiak biguntzen baditu, besteak eskubidea izango duela muga-zergak ezartzeko produktu batzuetan. Hau da, orain ez, baina etorkizunean traba gehiago izan ditzakeela merkataritza harremanak.
Akordioa lortzeko beste traba nagusia izan da, ekonomikoki sektoreak eskualde gutxi batzuetan inportantzia besterik ez badu ere. Baina arrantza ikurra izan da Johnsonentzat, «berreskuratutako subiranotasunaren» bandera bilakatu da bere kostalde oparoen kontrola berreskuratzea. Baina, aldaketa samurtzeko, bost urte eta erdiko trantsizio epe bat zabalduko da; horretan, EBko arrantzaleek Ingalaterrako eta Eskoziako kalak baliatu ahal izango dituzte, baina batez beste %25 gutxitu beharko dituzte harrapaketak. Epe hori igarota, kuota batzuk lortzeko negoziatu beharko du EBk,Norvegiarekin egiten duen moduan.
Hegan egiteko eskubideei eutsiko diete hegazkin konpainiek, baina mugekin, alde bateko zein bestekoek ezingo baituzte bestearen bi hiri lotu. Praktikan ez da ezer aldatuko, muga hori gainditze aldera, EBko adarrak sortu dituztelako konpainia britainiarrek, eta alderantziz.
|
2021-1-2
|
https://www.berria.eus/albisteak/191761/hainbat-gain-ixtera-behartu-du-elurrak.htm
|
Gizartea
|
Hainbat gain ixtera behartu du elurrak
|
Araba da elurraren ondorio kaltegarrienak jasan dituena. Kontrara, Bizkaian ez dago arazorik mendi errepide gehienetan.
|
Hainbat gain ixtera behartu du elurrak. Araba da elurraren ondorio kaltegarrienak jasan dituena. Kontrara, Bizkaian ez dago arazorik mendi errepide gehienetan.
|
Elurra mara-mara hasi da urte berria, eta horrek eragina izan du errepideetan. Hogei errepide inguru itxita daude ibilgailu guztientzat, eta beste hainbatetan derrigorrezkoa da kateak erabiltzea. Horrez gain, kontu handiz ibiltzeko gomendioa egin dute beste 30 bat gainetan. Atzo gauetik gaur eguerdira arte lerta laranja ezarria zegoen Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta elur kuotak 200-400 metro inguruan jarraituko duen arren, alerta horia izatera igaro da, astelehenera arte. Nafarroan ere 400-600 metrotik gora espero dute elurra, eta kontuz gidatzeko aholkua eman dute eremu horietan.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera (14:30ean berritutako datuak), itxita daude Aiurdin, Azazeta, Barrerilla, Bernedo, Herrera, Kurtzeta, Opakua, Urduña, Zaldiaran (Araba), Arrate, Eitzaga, Elosua, Lizarrusti (Gipuzkoa) eta Umaran (Bizkaia). Kateak erabiltzea, berriz, derrigorrezkoa da hurrengo mendateetan: Altube (A-624), Gasteizko mendatea, Gatzaga (Araba), Mandubia eta Urraki (Gipuzkoa). Gasteiz, Gatzaga, Mandubia eta Urrakiren kasuan, autoek bakarrik dute igotzeko baimena. Unez une aldatuz doa egoera, eta hainbat mendate ireki eta itxi egin dituzte egunean zehar. Gainera, arretaz gidatzeko abisua eman dute beste mendate ugaritan, tartean, Altuben, (AP-68), Barazarren (N-240, Bizkaia) eta Etxegaraten (N-1, Gipuzkoa). Horiek dira abisuren bat duten bide bakarrak errepide sare nagusian.
Nafarroako Gobernuaren datuen arabera, berriz, itxita daude Done Mikel Aralarkoa, Espartza, eta NA-2012 errepidea, Otxabiaga eta Irati lotzen dituen lekuan. NA-137 errepidean, Belaguako mendatea itxita dago 58. kilometrotik aurrera, eta kateak erabili behar dira 45. kilometrotik aurrera. Lurralde hartan, gainera, derrigorrezkoak dira kateak Meanon, bai NA-7300 errepidean, bai NA-7210 bidean.
Gauzak hala, A-1 errepidea ez erabiltzeko gomendioa egin du Nafarroako Gobernuak, elurraren ondorioz hainbat mozketa egin behar izan dituztelako. Hala, A-10 eta A-15 errepideak erabiltzeko aholkatu dute. Horrez gain, errepide sare nagusiari dagokionez, une zehatz batzuetan AP-68a moztu behar izan dute, elurra kentzeko makinek lan egin zezaten. Gainera, ugari izan dira errepideetan gertatutako istripuak, nagusiki, ibilgailuek irrist egitearen ondorioz. Besteak beste, bi lagun zauritu dira Usurbil parean (Gipuzkoa) gertatu den istripu batean, kamioi batek artaziarena egin ostean, G-20 errepidean.
|
2021-1-2
|
https://www.berria.eus/albisteak/191762/azken-hilketa-matxista-salatu-dute-arrasaten.htm
|
Gizartea
|
Azken hilketa matxista salatu dute Arrasaten
|
«Arazo kolektibo» gisa definitu dute indarkeria matxista, eta irtenbideak eskatu dituzte.
|
Azken hilketa matxista salatu dute Arrasaten. «Arazo kolektibo» gisa definitu dute indarkeria matxista, eta irtenbideak eskatu dituzte.
|
Dozenaka lagun elkartu dira gaur eguerdian, Arrasaten, Marian Ibarluzearen hilketa salatzeko, Eraso sexistarik ez, autodefentsa feminista lelopean. Emakumeon Mundu Martxak, Pottogorriak eta Bilgune Feministak deituta, dozenaka lagun elkartu dira hiriko plazan. Hogei minutu inguruko isilune bat egin dute, eta txalo artean amaitu elkarretaratzea. Deitzaileek indarkeria matxista «arazo kolektiboa eta sistemikoa» dela adierazi dute eta, ondorioz, irtenbidea «guztien artean» eman behar zaiola: «Emakumeen aurkako biolentzia estrukturala da, ez indibiduala». Hala, emakumeak indarkeria horren erantzule egiten dituen jarrera ororen aurka egiteko deia egin dute.
65 urteko Ibarluzeak hamar urte zeramatzan Lanzaroten (Kanaria uharteak, Espainia). Abenduaren 28an desagertu zen, eta haren lagun batek jarritako salaketaren ostean aurkitu zuten gorpua, abenduaren 30ean. Bikotekideak, ordurako, ihes egin zuen, eta herenegun aitortu zion Poliziari bera dela hiltzailea. Hilketa matxista leporatu diote 43 urteko gizonezkoari, eta baldintza gabe sartu dute espetxera, inkomunikatuta.
Ibarluzearenarekin, 107 dira indarkeria matxistaren ondorioz 2003tik Euskal Herrian bizi ziren edo euskal herritarrak ziren hildako emakumeak. 2020an, bost izan dira indarkeria matxistaren ondorioz hildako emakumeak. Horietatik hirutan, bikotekideak atxilotu dituzte hilketa leporatuta —gizonezko horietako batek, gainera, bere alaba ere hil zuen—, beste batean, berriz, seme batek bere ama hil zuen.
|
2021-1-2
|
https://www.berria.eus/albisteak/191763/aiton-etxeko-erabiltzaileek-txertoa-jasotzeko-beharrezko-neurriak-hartuko-ditu-aldundiak.htm
|
Gizartea
|
Aiton-Etxeko erabiltzaileek txertoa jasotzeko «beharrezko neurriak» hartuko ditu aldundiak
|
Oiartzungo eguneko zentro horren zuzendaria txertoa jartzearen aurka agertu da, «epe motzean albo ondorio larriak» eragin ditzakeelako.
|
Aiton-Etxeko erabiltzaileek txertoa jasotzeko «beharrezko neurriak» hartuko ditu aldundiak. Oiartzungo eguneko zentro horren zuzendaria txertoa jartzearen aurka agertu da, «epe motzean albo ondorio larriak» eragin ditzakeelako.
|
Gipuzkoako Foru Aldundia neurriak hartzeko prest dago, Oiartzungo (Gipuzkoa) Aiton-Etxe eguneko zentroko zuzendaritza erabiltzaileei COVID-19aren aurkako txertoa jartzearen kontra agertu ostean. Zuzendariak, egoiliarren senideei bidalitako mezu batean, arrazoitu du txertoa «esperimentazio fasean» dagoela, eta «epe motzean, albo ondorio larriak» eragin ditzakeela. Aldundiak adierazi du egoitzarekin harremanetan jarriko direla, eta, horren ostean, «beharrezko neurriak» hartuko dituztela.
Aldundiak nabarmendu du erabiltzaile guztiei bermatuko zaiela txertoa jasotzeko eskubidea: «Erakundeak hala nahi duten erabiltzaile guztien txertatzeko eskubidea bermatuko du, eskubide bat eta erabaki pertsonal bat baita». Horrez gain, horien senideekin bilduko dela ere gehitu du. Bileran, Osasun Saileko arduradunek hartuko dute parte.
Halere, Osakidetzak oraindik ez du eguneko zentroetarako protokolorik prestatu, eta, ondorioz, ez dago Aiton-Etxe zentroko erabiltzaileei txertoa jartzeko datarik ezarrita. Protokoloak ezartzean zentro guztietan bilerak egingo dituztela ere azpimarratu dute, zahar etxeen kasuan egin bezala.
Aiton-Etxe zentro pribatua da, baina lekuen %80 Gipuzkoako Foru Aldundiarekin itundutakoak dira. Gainera, ez da zentro horrek halako erabaki bat hartzen duen lehen aldia. Eldiario.es agerkariak argitaratu duenez, zuzendaritzak uko egin zion gripearen aurkako txertoa jartzeari ere, eta hura jaso nahi zuten adinekoek euren osasun zentroetara joan behar izan zuten.
|
2021-1-2
|
https://www.berria.eus/albisteak/191764/ernai-gatazkaren-ondorioak-bizi-dituen-azken-belaunaldia-izan-nahi-dugu.htm
|
Politika
|
Ernai: «Gatazkaren ondorioak bizi dituen azken belaunaldia izan nahi dugu»
|
Gazte antolakundeak agerraldiak egin ditu Gasteizen, Iruñean, Bilbon eta Usurbilen.
|
Ernai: «Gatazkaren ondorioak bizi dituen azken belaunaldia izan nahi dugu». Gazte antolakundeak agerraldiak egin ditu Gasteizen, Iruñean, Bilbon eta Usurbilen.
|
Euskal Preso Politikoen Kolektiboari «gazteen elkartasuna eta konpromisoa» adierazi dio Ernaik gaur eguerdian Gasteizen, Iruñean, Bilbon eta Usurbilen eginiko agerraldietan. 1990eko eta 2000ko hamarkadetan jaiotako egunka gazte elkartu dira agerraldi horietan, adierazteko «gatazka politiko-armatuaren ondorioak bizi dituen azken belaunaldia» izan nahi eta behar dutela.
Lau ideiaren inguruan egin dute gaurko hitzartzea: askatasuna, konpromisoa, elkartasuna eta maitasuna: «Askatasuna dugu helburu. Eta hori adierazi nahi diogu euskal gizarteari eta, bereziki, euskal gazteriari: euskal preso, iheslari eta deportatuek kalean egon behar dutela, alegia. Eta preso eta iheslaririk gabeko Euskal Herriaren alde, bakean eta askatasunean biziko garen Euskal Herri askea aldarrikatzen dugula».
Konpromisoari dagokionez, esan dute berretsi egiten dutela EPPKrekiko eta kolektiboak erabakitako ildoarekiko «atxikimendua», eta presoen senideei «elkartasuna» azaltzen segitzeko asmoa azaldu dute, «epeltasuna helarazten, bisitak errazten».
Azkenik, erantsi dute «askatasunaren aldeko borrokan» jarraituko dutela: «Maitasuna dugu eskertzeko. Herri hau maitatzeagatik lapurtu zitzaien askatasuna borrokarekin konprometitutako gazte belaunaldi osoei». Azken hilabeteetan presoen gerturatzean emandako mugimenduei balioa eman die gazte antolakundeak, eta datorren larunbatean herriz herri egingo dituzten mobilizazioetan parte hartzera deitu dute.
|
2021-1-2
|
https://www.berria.eus/albisteak/191765/hego-euskal-herrian-405-positibo-atzeman-dituzte.htm
|
Gizartea
|
Hego Euskal Herrian 405 positibo atzeman dituzte
|
Bezperako datuekin alderatuta %35 egin dute behera positiboek, baina proba kopuruak ere nabarmen egin du behera: %40
|
Hego Euskal Herrian 405 positibo atzeman dituzte. Bezperako datuekin alderatuta %35 egin dute behera positiboek, baina proba kopuruak ere nabarmen egin du behera: %40
|
Urte berriarekin batera, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak askoz proba gutxiago egin zituzten. Zehazki, %40 gutxiago. Gaur jakinarazitako datuen arabera, urtarrilaren 1ean 5.426 PCR eta antigeno proba egin ziren. Hain zuzen ere, probak murriztearekin batera, positboek ere behera egin zuten urteko lehen egunean; izan ere, 405ek eman dute positibo, bezperan baino %35 gutxiago. Horrek esan nahi du positibotasun tasa %7,5ekoa dela.
Positibo kopurua murriztu da, lurraldez lurralde. Araban, 80 positibo atzeman zituzten ostiralean, aurreko egunean baino bi gutxiago; Bizkaian 119, bezperan baino 116 gutxiago; Gipuzkoan 95, aurreko egunean baino 68 gutxiago eta Nafarroan 35 gutxiago. Asteburua igarota, ikusiko da positiboen jaitsiera proba gutxiago egitearen ondorio den edo ez, asteon kasuek goranzko joera hartu baitute.
Nafarroako Gobernuak jakinarazi du aurreko egunetan bost hildako izan direla, 87 eta 102 urte bitartekoak. Halaber, Bizkaiko Diputazioak azaldu du zahar etxetako bi egoiliar zendu direla azken orduotan.
Osakidetzak jakinarazi du 23 pertsona ospitaleratu zirela atzo, baina uneotan ospitaleetako solairuetan direnen daturik ez dago. ZIUko oheetan 77 daude, bezperan baino bi gutxiago. Nafarroan, berriz, 130 pertsona daude ospitaleratuta: 20 larrialdietan, 30 etxeko arreta berezian gainerako 70ak solairuan.
|
2021-1-3
|
https://www.berria.eus/albisteak/191793/hego-euskal-herriko-11-mendate-itxita-elurraren-eraginez.htm
|
Gizartea
|
Hego Euskal Herriko 11 mendate itxita, elurraren eraginez
|
Errepide sare nagusian ez du ia eraginik izan. Itxita daude, besteak beste, Arantzazu, Arrate, Urkiola eta Urduña.
|
Hego Euskal Herriko 11 mendate itxita, elurraren eraginez. Errepide sare nagusian ez du ia eraginik izan. Itxita daude, besteak beste, Arantzazu, Arrate, Urkiola eta Urduña.
|
Atzo bezala, eguna hotz hasi da gaur ere. Halere, ez da hainbeste prezipitazio izan, eta errepideak egoera hobean daude. Ez da arazorik izan errepide sare nagusian. Bai, ordea, hainbat mendatetan, eta hamar errepide itxita daude. Beste hainbatetan, berriz, beharrezkoa da kateak erabiltzea.
Gainera, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, goizean goizetik itxita daude Urduñako mendatea (Araba), Bizkaiko behatokoa, Dima, Larreineta, Urkiola (Bizkaia), Arantzazu, Artikutza eta Elosua (Gipuzkoa). Kateak ezinbestekoak dira, berriz, Zaldiaranen (Araba). Ubal mendatean (Bizkaia), aldiz, autoek bakarrik dute errepidea erabiltzeko aukera. Horiez gain, beste 30 bat mendatetan arretaz ibiltzeko gomendioa egin du Segurtasun Sailak.
Bestelako errepideetan, elurraren eraginez trafikoa geldirik dago Mendata parean (Bizkaia), BI-3231 errepidean. Errepide sare nagusiari dagokionez, berriz, Altuben (AP-68 errepidea, Araba), Barazarren (N-240, Bizkaia) eta Etxegaraten (N-1, Gipuzkoa) arretaz ibiltzeko eskatu dute. Elurrak ondorioak utzi ditu A-132 errepidean ere. Trafikoa moteldu du goizean zehar, Burgu (Araba) parean, Lumbierrerako noranzkoan.
Nafarroako Gobernuak argitaratutakoaren arabera, berriz, lurralde hartan egoera atzokoaren antzekoa da. Bezperan bezala, autoek ezingo dute igo Done Mikel Aralarkora eta Espartzara. Horiez gain, Belaguako mendatea (NA-137) itxita egon da goizean. Ireki dute, baina kateak erabiltzea beharrezkoa da muga zeharkatu ahal izateko.
Ez da etengo
Euskalmeten iragarpenen arabera, gaur goizean elur gutxiago egin duen arren, elur-kotak 300-400 metroren bueltan egongo da datozen orduetan. Gainera, behera egingo du arratsaldean, eta hainbat lekutan 200 metro azpitik ere egin dezake elurra. Kostaldean elurrik ez, baina txingorra egin dezake. Nafarroa hegoaldean, berriz, ia ez da prezipitaziorik espero.
|
2021-1-3
|
https://www.berria.eus/albisteak/191794/jihadistek-70-lagun-hil-dituzte-nigerren.htm
|
Mundua
|
Jihadistek 70 lagun hil dituzte Nigerren
|
Milizia batek bi herriren aurkako erasoak egin ditu, aurreko asteko bozen emaitzak argitaratu ostean.
|
Jihadistek 70 lagun hil dituzte Nigerren. Milizia batek bi herriren aurkako erasoak egin ditu, aurreko asteko bozen emaitzak argitaratu ostean.
|
Jihadistek, gutxienez, 70 lagun hil eta 20 zauritu dituzte Niger mendebaldean, Maliko mugatik gertu. Nigerko Barne ministro Alkache Alhadak adierazi du tropak bidali dituztela ingurura. Hauteskunde Batzordeak aurreko asteko bozen emaitzak jakinarazi ondoren iritsi da erasoa.
Tchoma Bangou eta Zaroumdareye herriak Tillaberi eskualdean daude, Niamei hiriburutik 150 kilometro ingurura. RFI irrati kateak zabaldu duenaren arabera, jihadistak herriak bereganatzen saiatu ziren, baina herritarrek kanporatu egin zituzten. Horri erantzunez, eraso bat abiatu zuten atzo. Talde bakar batek ere ez du oraindik erasoa bere gain hartu, baina hainbat hedabidek talde jihadistengan jarri du fokua, azken hilabeteetan eginiko beste eraso batzuekin duen antzekotasunagatik. Erasotzaileak Malin dituzten baseetatik iritsi ziren, Efe albiste agentziak aipatutako lekukoen arabera, hainbat arma motaz hornituta.
Nigerren pasa den igandean egin zituzten presidentetzarako hauteskundeak, eta atzo eman zuen horien berri Idrissa Issaka Hauteskunde Batzordeko presidenteak. Adierazpen horren ostean gertatu zen erasoa. Mohamed Bazoum Atzerri ministro ohi eta hautagai ofizialistak lortu du boto gehien. Halere, ez zuen horien %50 eskuratzerik izan, eta otsailaren 21eko bigarren itzulian berretsi beharko du garaipena.
Herrialdeko hurrengo gobernuaren arazo nagusia talde jihadistek eremuan lortu duten indarrari aurre egitea izango da. Izan ere, azken hilabeteetan gora egin dute milizia jihadistek eginiko erasoak, batez ere, Malik, Nigerrek eta Burkina Fasok muga egiten duten eremuan. ISGS Sahara Handiko Estatu Islamikoa, Boko Haram eta ISWA Mendebaldeko Afrikako Estatu Islamikoa taldeak dira eraso gehienen atzean daudenak. Halere, horiek ez dira talde bakarrak.
|
2021-1-3
|
https://www.berria.eus/albisteak/191795/436-kasu-gehiago-baieztatu-dituzte-hego-euskal-herrian.htm
|
Gizartea
|
436 kasu gehiago baieztatu dituzte Hego Euskal Herrian
|
Positibotasun tasa %7,5ean mantendu da, bezperan baino 31 kasu gehiago atzeman dituzten arren.
|
436 kasu gehiago baieztatu dituzte Hego Euskal Herrian. Positibotasun tasa %7,5ean mantendu da, bezperan baino 31 kasu gehiago atzeman dituzten arren.
|
Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emaniko datuen arabera, Hego Euskal Herrian beste 436 COVID-19 kasu atzeman dituzte, 5.810 PCR eta antigeno proba eginda. Bezperan baino 31 kasu gehiago dira, beraz, detektatutako kasuak, 390 proba gehiago eginda. Gauza hala, positibotasun tasa paretsu mantendu da: %7,47koa zen atzo, eta %7,5ekoa gaur. Halere, egoera ezberdina da lurralde bakoitzean. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, %7,7ra igo da tasa. Nafarroan, berriz, ia puntu bat txikiagoa da, %6,8koa.
Lurraldez lurralde, 152 kasu atzeman dituzte Bizkaian; 138, Gipuzkoan; 72, Araban; eta 66, Nafarroan. Eusko Jaurlaritzak erkidegotik kanpo atzemandako beste zortzi kasuren berri ere eman du.
Une honetan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ospitaleetan 79 lagun daude ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan. Gainera, atzo 28 pertsona gehiago ospitaleratu zituzten lurralde horietan.
Ipar Euskal Herriko datu berririk ez dago. Erreferentzia gisa, ordea, Pirinio Atlantikoak departamenduan zazpi egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia tasa 93,8koa zen abenduaren 31n.
|
2021-1-3
|
https://www.berria.eus/albisteak/191796/aldaera-berriaren-hamar-kasu-atzeman-dituzte-aviron-baiona-taldean-leicesterren-aurka-jokatu-ostean.htm
|
Kirola
|
Aldaera berriaren hamar kasu atzeman dituzte Aviron Baiona taldean, Leicesterren aurka jokatu ostean
|
Lapurdiko errugbi taldeak Leicesterren aurka jokatu zuen abenduaren 19an. Partida haren ostean hasi ziren kasuan agertzen.
|
Aldaera berriaren hamar kasu atzeman dituzte Aviron Baiona taldean, Leicesterren aurka jokatu ostean. Lapurdiko errugbi taldeak Leicesterren aurka jokatu zuen abenduaren 19an. Partida haren ostean hasi ziren kasuan agertzen.
|
Aviron Baiona errugbi taldeko hamar kidek positibo eman dute COVID-19a detektatzeko probetan. Guztiak asintomatikoak dira. Ustez, Leicesterren (Ingalaterra) aurka jokatutakoan hasi dira kasuak agertzen. Izan ere, Erresuma Batuan atzemandako aldaera berria detektatu diete.
Azken biei abenduaren 31n detektatu zieten: jokalari bati eta taldeko langile bati. Atzo eginiko probetan gehiago baieztatu ez dituzten arren, taldekide guztiak bakarturik daude. Izan ere, Frantziako Errugbi Federazioak ezarritako protokoloak direla medio, taldeak bakarturik egon beharko du astebetez, azken kasua atzeman zutenetik. Hau da, urtarrilaren 7ra arte. Horren ondorioz, arriskuan dago ostiralean Toulonen aurka jokatu behar duten partida. Izan ere, taldea ez da entrenatu abenduaren 23tik. Tartean, beste bi partida atzeratu behar izan dituzte.
Avironek abenduaren 19an jokatu zuen Europako Txapelketako norgehiagoka Leicesterren aurka, eta, pare bat egun igaro ostean, bi kasuren berri eman zuen Ingalaterrako taldeak. Bi taldeak urtarrilaren 15ean dira itzuliko partida jokatzekoak. Baionako taldeko presidente Philippe Tayeb haserre dago, ordea, eta adierazi du ez dela «segurua» norgehiagoka hori jokatzea: «Gauzak dauden bezala, ez dugu jokatuko Europako Txapelketa».
Hala, nabarmendu du gutxienez urtarrilaren amaierara arte ez dutela jokatuko partidarik. Taldeak, prentsa ohar baten bidez, jakinarazi du TOP-14ko Agenen aurkako partida izango duela hurrengoa, urtarrilaren 30ean, «prestatzeko beharrezko denbora» izateko.
|
2021-1-3
|
https://www.berria.eus/albisteak/191797/mendizale-bat-hil-da-urko-mendian.htm
|
Gizartea
|
Mendizale bat hil da Urko mendian
|
Segurtasun Sailaren arabera, zorabiatu egin da. Hura suspertzen saiatu dira, baina ezin izan dute ezer egin. Gizonezko bat zen, 51 urtekoa.
|
Mendizale bat hil da Urko mendian. Segurtasun Sailaren arabera, zorabiatu egin da. Hura suspertzen saiatu dira, baina ezin izan dute ezer egin. Gizonezko bat zen, 51 urtekoa.
|
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, 51 urteko mendizale bat hil da Urko mendian (Ermua, Bizkaia), zorabiatu ostean. Goizeko hamaikak laurden gutxi aldera jaso dute deia larrialdi zerbitzuek. Ertzaintzaren mendiko erreskate zerbitzua eta helikoptero bat, suhiltzaileak eta anbulantzia bat joan dira bertara. Gizona suspertzen saiatu dira, baina hantxe hil da.
|
2021-1-4
|
https://www.berria.eus/albisteak/191798/gaizka-garitano-ordezkatzeko-marcelino-garcia-toral.htm
|
Kirola
|
Gaizka Garitano ordezkatzeko, Marcelino Garcia Toral
|
Athleticek iragarri du "aurreakordioa" duela entrenatzaile espainiarrarekin 2022ko ekainaren 30era arte. Deriokoa ordezkatuko du, horrenbestez, hura kargutik kendu baitu Athleticeko zuzendaritzak, Elxi ligako partida irabazi eta gutxira.
|
Gaizka Garitano ordezkatzeko, Marcelino Garcia Toral. Athleticek iragarri du "aurreakordioa" duela entrenatzaile espainiarrarekin 2022ko ekainaren 30era arte. Deriokoa ordezkatuko du, horrenbestez, hura kargutik kendu baitu Athleticeko zuzendaritzak, Elxi ligako partida irabazi eta gutxira.
|
Athleticek bidean dauka Gaizka Garitano ordezkatuko duen entrenatzailea: Marcelino Garcia Toral espainiarra. "Aurreakordioa" iragarri du klubak, 2022ko ekainaren 30era arte: "Kontratua itxita dagoenean iragarriko dugu nola osatuko den lehen taldeko entrenatzaile multzoa", gehitu du albistean. Orain arte 416 partida zuzendu ditu: 320 ligan, 54 Espainiako Kopan eta 42 Europan. Azkeneko taldea Valentzia izan zuen, 2018-19 denboraldian, eta Kopa irabazi zuen. Aurretik talde hauetan aritu zen: Sporting Gijon, Recreativo Huelva, Racing Santander, Zaragoza, Sevilla eta Vila-real.
Gaizka Garitanoren aroa bukatutzat ematea erabaki du aurretik Athleticen zuzendaritzak. Kargugabetu egin du Aitor Elizegi presidentearen agintari multzoak, noiz eta Elxi ligako partida irabazi (1-0) eta ia segituan. Bederatzigarren da oraintxe taldea sailkapenean.
Bi urte eta hogeita bederatzi egun egin ditu lehen taldeko arduradun lanetan Garitanok. Eduardo Berizzo ordezkatu zuenean bigarren taldeko entrenatzailea zen. 89 partidatan eseri da Athleticen aulkian, eta badu lorpen handi bat: Espainiako Kopako finalera sailkatu zuen taldea aurreko sasoian. Oraindik jokatu gabe dago Realaren aurkako finala, pandemiagatik. Beste lorpenak ez du zerikusirik emaitzekin: harrobiko hainbat jokalari gazteri ari zen aukerak ematen.
Sasoi honetan, emaitza onik gabe ekin zion ligari Athleticek, eta hasiera-hasieratik izan ditu kontrakoak Derioko entrenatzaileak. Pixkanaka, baina, emaitza onak lortzen joan da taldea, nahiz eta bolada hori luzatu ezinda ibili den (Lehen Mailako talde ia denak dabiltza horrela). Erasoko jokoari ekarpenik ez egitea leporatu diote kritikoek, eta emaitza txarra izan den bakoitzean, Garitanoren kargugabetzea eskatu izan dute haiek (hainbat zalek sare sozialetan, eta hedabide batzuek). Denboraldi honetan, behin baino gehiagotan zabaldu izan da Garitanoren lana kinka larrian zegoela, baina beti gainditu izan ditu arrisku horiek. Inork espero ez zuenean, baina, Elizegik entrenatzailea paretik kentzea erabaki du, Batzar Nagusiak zuzendaritzaren aurka egin eta egun gutxira.
Ordezkoa zein izango den ez du argitara eman zuzendaritzak, baina hainbat hedabidetan izen bat dabil bolo-bolo: Marcelino Garcia Toral espainiarra.
Garitanoren agurreko mezua
Kaleratu berria izan den entrenatzaileak oharra atera du Athleticen bitartez. Hauxe da Garitanok idatzitakoa: "Eskerrak bihotzez Athleticeko entrenatzaile izateko aukera eman didazuen guztioi: klubeko langile, zale eta bereziki jokalariei. Ohore bat izan da txikitatik hainbeste maite dudan taldea zuzentzea. Hemendik aurrera ere, nagoen tokitik, athleticzale bat gehiago izaten jarraituko dut. Etorkizun oparoa dugu aurretik. Aupa Athletic!!!".
|
2021-1-4
|
https://www.berria.eus/albisteak/191799/23-urteko-gazte-bat-hil-da-markina-xemeinen-auto-istripuan.htm
|
Gizartea
|
23 urteko gazte bat hil da Markina-Xemeinen, auto istripuan
|
Gidatzen zuen autoak eta Bizkaibuseko autobus batek aurrez aurre jo zuten atzo arratsaldean, eta bertantxe zendu zen autoaren gidaria. Gernika futbol taldeko jokalaria zen.
|
23 urteko gazte bat hil da Markina-Xemeinen, auto istripuan. Gidatzen zuen autoak eta Bizkaibuseko autobus batek aurrez aurre jo zuten atzo arratsaldean, eta bertantxe zendu zen autoaren gidaria. Gernika futbol taldeko jokalaria zen.
|
Atzo 17:40 aldera, auto batek eta Bizkaibusen autobus batek elkar jo zuten Markina-Xemeingo (Bizkaia) Iruzubieta auzoan, BI-633 errepidean, eta bertan hil zen autoaren gidaria. Osasun zerbitzuek autobuseko gidaria eta bidaiari bat ere artatu behar izan zituzten, eta gizon bat Galdakaoko ospitalera eraman zuten. Ertzaintzak ikerketa zabaldu du zer gertatu zen argitzeko.
Hildako gaztea Aitor Gandiaga da; 23 urte zituen, eta Markina-Xemeingoa zen. Athletic-en harrobian hazitakoa izanik, futbolean jokatzen zuen Gernikan, eta futbol munduan hainbat erreakzio eragin ditu heriotzak. Doluminak helarazi dituzte hainbat klubek, baita zuri-gorrien lehen taldeko kide batzuek ere. Aurten euskal errepideetan hildako lehena da.
|
2021-1-4
|
https://www.berria.eus/albisteak/191800/trumpek-georgiako-goi-kargudun-bat-presionatu-du-hauteskundeen-emaitzak-aldatzeko.htm
|
Mundua
|
Trumpek Georgiako goi kargudun bat presionatu du hauteskundeen emaitzak aldatzeko
|
The Washington Post-ek zabaldutako grabaketa batean, Brad Raffensperger Georgiako Estatu idazkaria mehatxatzen du Trumpek. Errepublikanoen aldeko 11.780 boto «aurkitzeko» eskatu zion larunbatean.
|
Trumpek Georgiako goi kargudun bat presionatu du hauteskundeen emaitzak aldatzeko. The Washington Post-ek zabaldutako grabaketa batean, Brad Raffensperger Georgiako Estatu idazkaria mehatxatzen du Trumpek. Errepublikanoen aldeko 11.780 boto «aurkitzeko» eskatu zion larunbatean.
|
AEBetako hauteskundeen emaitza aldatu nahian jarraitzen du Donald Trumpek. Joan den larunbatean, presidente kargua uzten ari denak hizketan jardun zuen Brad Raffensperger Georgiako estatu idazkariarekin, ordubete baino gehiago, eta hura estu hartu zuen errepublikanoen aldeko 11.780 boto «aurkitzeko» estatu hartan. Boto horiekin, Trumpek eskuratuko luke garaipena Georgian, eta ez Joe Bidenek; demokratak 11.779 botoren aldearekin irabazi zuen han azaroaren 3ko bozetan.
Elkarrizketa horren berri The Washington Post egunkariak eman du, eta jakinarazi du biak hizketan entzuten diren ordubeteko grabaketa duela. «Ez da posible nik Georgian galdu izana. Ez da posible. Milaka botoren aldearekin irabazi nuen», azaldu zion Trumpek Raffenspergerri larunbatean: «Georgiako herritarrak haserre daude. Ez da ezer txarra gertatuko emaitzak berriz kalkulatu dituzula esaten baduzu», gehitu zuen. Georgiako Estatu idazkariak, ordea, argi utzi zion Trumpi datu okerrak dituela esku artean.
Elkarrizketaren beste tarte batean, Trumpek dio Georgian errepublikanoen aldeko milaka boto suntsitu dituztela, eta «delitu bat» egitea egozten dio Estatu idazkariari: «Arrisku handiak hartzen ari zarete zu eta zure abokatua».
Raffensperger ere alderdi errepublikanoko kidea da, baina ez da Trumpek hauteskunde emaitzak aldatzeko estutu duen lehen alderdikidea. Gehienek, ordea, onartua dute Bidenen garaipena, eta, ondo bidean, Joe Biden urtarrilaren 20an izendatuko dute AEBetako presidente.
«Egia aterako da argitara»
Twitterren, Trumpek berak aitortu du larunbatean hitz egin zuela Raffenspergerrekin, eta, besteak beste, hizpide izan zuen «hauteskundeetan Georgian izandako iruzurra». Estatu idazkariak ere idatzi du, eta ez dio arrazoirik eman presidenteari: «Errespetuz diot, presidente jauna: esaten ari zarena ez da egia. Egia aterako da argitara».
|
2021-1-4
|
https://www.berria.eus/albisteak/191801/eneko-sagardoik-salatu-du-euskararen-aurkako-eraso-bat-jasan-dutela.htm
|
Kultura
|
Eneko Sagardoik salatu du euskararen aurkako eraso bat jasan dutela
|
Beethovenen bi obra aurkezten ari da aktorea, EGO fundazioarekin batera. «Eta gazteleraz noiz?» oihukatu zuen ikusle batek atzo Gasteizen, Sagardoik euskarazko berbaldia bukatutakoan.
|
Eneko Sagardoik salatu du euskararen aurkako eraso bat jasan dutela. Beethovenen bi obra aurkezten ari da aktorea, EGO fundazioarekin batera. «Eta gazteleraz noiz?» oihukatu zuen ikusle batek atzo Gasteizen, Sagardoik euskarazko berbaldia bukatutakoan.
|
«Eta gazteleraz noiz?». Hori oihukatu zuen atzo Gasteizko Principal antzokian zegoen ikusle batek Euskal Herriko Gazte Orkestra Fundazioak antolatutako kontzertuan. Eneko Sagardoi aktorea narratzaile lanak egiten ari zen, eta hark salatu du gertatutakoa Twitterren. «Momentu desatsegina» izan zela aitortu du.
Ludwig van Beethovenen Ah perfido! eta Egmont obrak aurkezten ari da Sagardoi, EGO fundazioarekin batera; aktoreak narratzaile lanak egiten ditu bigarren obran. Atzo, Gasteizen, euskarazko lehenengo berbaldia bukatutakoan egin zioten oihu publikotik, baina normal jarraitu zuen kontzertuak.
Sagardoiren iritziz, «agian, euskara ez ulertzeak baino amorru handiagoa eman dio beste zerbaitek, baina baliteke ni erratuta ibiltzea». Izan ere, berak euskaraz irakurri aurretik, Jone Martinez sopranoak italieraz kantatu zuen Ah perfido!, eta alemanieraz Egmont, baina oihua euskara erabilitakoan gertatu zen.
Jaiotzaren 250. urteurrena
Garrasia «lotsagabea» izan zela idatzi du Sagardoik, baina gainontzean normal-normal egin zutela kontzertua. EGO Fundazioaren kontzertu birako bigarren emanaldia izan zen atzokoa —Donostian egin zuten lehena—, eta Ruben Gimenok zuzendutako ikuskizuna gaur 19:00etan Bilboko Euskaldunan ikusi ahalko da, baita bihar Getxoko (Bizkaia) Muxikebarrin ere.
Aurten Beethovenen jaiotzaren 250. urteurrena beteko da, eta horregatik ari da EGO konposatzaile horren bi obra aurkezten Gabonetan urtero egin ohi duen emanaldian. 46 musikari bildu dituen topaketaren aurkezpenean Ruben Gimenok nabarmendu zuenez, «ezinbesteko garrantzia» du gazte orkestrarekin Beethovenen musika lantzeak, «musikaren historiako giltzarrietako bat» baita.
|
2021-1-4
|
https://www.berria.eus/albisteak/191802/itxita-daude-oraindik-zenbait-errepide.htm
|
Gizartea
|
Itxita daude oraindik zenbait errepide
|
Elurrak ez du ia eraginik izan errepide sare nagusian, baina hainbat mendate itxita daude; besteak beste, Aralar, Arantzazu eta Urduña. Beste hainbatetan nahitaezkoa da kateen erabilera.
|
Itxita daude oraindik zenbait errepide. Elurrak ez du ia eraginik izan errepide sare nagusian, baina hainbat mendate itxita daude; besteak beste, Aralar, Arantzazu eta Urduña. Beste hainbatetan nahitaezkoa da kateen erabilera.
|
Hotzez eta euritan itzuli dira lanera gaur milaka euskal herritar, baina elurrak ez du askoren jarduna eten. Errepide nagusietan ez du ia eraginik izan, baina itxita daude Hego Euskal Herriko bederatzi mendate, eta beste zenbaitetan kateak erabili beharra dago zirkulatu ahal izateko.
Elurraren edo izotzaren eraginez arriskutsuegiak direla eta, Eusko Jaurlaritzak atzo itxitako portu batzuk itxita mantendu ditu gaur: Arantzazu, Elosua eta Gatzaga (Gipuzkoa); eta Urduñako mendatea (Araba). Nafarroako Gobernuak, berriz, itxi egin du Aralarko santutegirako igoera, baita NA-2012 eta NA-2011 errepideen tarte bana ere: lehengoan, Otsagabia eta Irati artekoa; bigarrenean, Zaraitzutik Ipar Euskal Herrira bitartekoa.
Mendate batzuk zabalik daude, baina kamioiek eta ibilgailu artikulatuek debekatua dute han ibiltzea. Araban, neurri hori ezarri dute Herreran, Zaldiaranen eta Barrerillan, eta Bizkaian, Bikotzganen.
Beste errepide batzuetan zirkulatu dezakete ibilgailuek, baina ezinbestekoa da kateak erabiltzea. Araban, hala daude Kurtzetako mendatea eta Gasteizko gaina. Gehiago dira Nafarroan: kateak behar dira NA-2520 errepidean Olague eta Zubiri artean, NA-1740 errepidean Irurita eta Eugi artean, Iruñea eta Iparraldea lotzen dituen NA-138 errepidean eta NA-137 errepidean, Burgi-Izaba-Iparraldea ibilbidean.
Elurra, 200-400 metro artean
Euskalmeten aurreikuspenen arabera, kostaldean atzo baino euri eta txingor gehiago egingo du gaur. Barrualdean, berriz, elurra egingo du, eta baliteke 200-400 metroan egitea. Tenperatura beroneak 5 gradu ingurukoak izango dira Euskal Herrian.
|
2021-1-4
|
https://www.berria.eus/albisteak/191803/puntu-hotz-bana.htm
|
Kirola
|
Puntu hotz bana
|
Bana berdindu dute Realak eta Osasunak Anoetan. Callerik Realaren huts larri bat baliatu du aurrea hartzeko, eta bigarren zatia hasi bezain pronto berdindu du Barrenetxeak.
|
Puntu hotz bana. Bana berdindu dute Realak eta Osasunak Anoetan. Callerik Realaren huts larri bat baliatu du aurrea hartzeko, eta bigarren zatia hasi bezain pronto berdindu du Barrenetxeak.
|
Inor gutxi irten zen pozik bart Anoetatik. Realak eta Osasunak erritmo eta aukera gutxiko neurketa jokatu zuten. Realak bigarren derbia jarraian irabazi nahi zuen, baina puntuak ez dio balio sailkapenean aurretik dituen taldeen erritmoa jarraitzeko. Eta Osasunak, berriz, jaitsiera postuetan jarraituko du, nahiz eta etxetik kanpo puntuak eskuratzea beti den pozgarria.
Neurketa irabazteko aukera zutela hasieratik ikusi zuten gorritxoek. Realak ez zuen erasoan liga hasieran erakusten zuen freskotasunik, eta zelaian sendo zeuden nafarrak. Are gehiago Willian Jose eta Sagnanen artean gol bat oparitu zietenean, 20. minutuan. Aurrelari brasildarrak baloia zuen Realaren area barruan, hark Sagnani eman zion, baina bien artean nahastu egin ziren, eta Ruben Garciak berreskuratutako baloiarekin Remiroren atea fusilatu zuen Callerik.
Golari esker hazi egin zen Osasuna, eta ondo eutsi zion Realari lehen zatian. Txuri-urdinen hamaikakora Oiartzabal itzuli zen atzo —Silva ez, oraindik—, eta, eibartarrak bere burua asko eskaini zuen arren, ez zuen egun onik izan atzo; ez zuen Realak ezinbestean behar duen freskotasuna izan erasoko jokoa aldatzeko.
Bigarren zatia hasi bezain pronto berdindu zuten donostiarrek. Porturen erdiraketa bat ondo luzatu zuten Willian Josek bigarren zutoinera, eta bikain amaitu zuen jokaldia Barrenetxeak. Amorruz ospatu zuen gola aurrelari gazteak. Horren ostean Realak Osasuna estualdian jarriko zuela aurreikus zitekeen, baina ezta inondik inora ere. Bigarren zatian ere aukera gutxi, eta berdinketarekin amaitu zen neurketa.
Reala: Remiro; Zubeldia, Le Normand, Sagnan, Aihen; Gebara (Zubimendi, 77. min), Merino; Portu (Merquelanz, 65. min), Barrenetxea (Gorosabel, 77. min), Oiartzabal (Guridi, 65. min); Willian Jose (Bautista, 59. min).
Osasuna: Sergio Herrera; Nacho Vidal, Aridane, David Garcia, Juan Cruz; Moncayola, Iñigo Perez, Javi Martinez (Roncaglia, 84. min), Barja (Roberto Torres, 66. min), Ruben Garcia (Jony, 66. min); Calleri (Budimir, 76. min).
|
2021-1-4
|
https://www.berria.eus/albisteak/191804/beira-jasotzaileen-greba-amaitu-da-bizkaian.htm
|
Ekonomia
|
Beira jasotzaileen greba amaitu da Bizkaian
|
Mercedesek azpikontratutako enpresa batean ere bertan behera utzi dute lanuzterako deialdia.
|
Beira jasotzaileen greba amaitu da Bizkaian. Mercedesek azpikontratutako enpresa batean ere bertan behera utzi dute lanuzterako deialdia.
|
Bi lan gatazkaren amaieraren berri eman dute sindikatuek. LABek jakinarazi du Bizkaian beira jasotzen duten langileak lanera itzuliko direla, Enviser enpresako zuzendaritzarekin akordioa lortu ondoren. Azaroan hasi zuten protesta, eta, horren ondorioz, gainezka egon dira Bizkaiko beira edukiontzi asko.
Beren lan baldintzak hobetzearen aldeko greba zen Enviserko langileena, eta helburuetako batzuk lortu dituztela azaldu du LABek. Soldata kontuetan, esaterako. Gipuzkoako langileekin parekatzeko eskatzen zuten, eta bi eta hiru urte arteko epean lortuko dute hori. Langileen subrogazioa ere erdietsi dute, eta hobekuntzak lanaldian. Hiru urterako lan hitzarmenak «langile klasearen eta borrokaren garaipena» erakusten duela uste du LABek.
CEVA Logistic
Araban, berriz, hasi aurretik geratu da bertan behera CEVA Logistic enpresan deitutako greba mugagabea. Bihar hastekoa zen, 250 langileetatik 22 kaleratzeko asmoen aurka. ELAk azaldu duenez, UGTrekin eta CCOOrekin batera, lortu dute enpresa utziko duten langileek «kalte-ordain duinak» jasotzea, eta enpresako beste lantoki batzuetan kolokatzea. Akordioa ezartzeko Mercedesek hiru txandako ekoizpenera itzuli beharko du —bi eta erdira jaitsiko du orain, ekoizpena furgoneta eskarira egokitu nahi duelako—.
«Puntu honetara iritsi bagara, langileen konpromisoagatik eta borrokagatik da, CEVAko zuzendaritzaren aurrez aurreko eraso bati erantzutea erabaki baitzuen, grebara deituz 22 kaleratzeagatik. Ez da hain harrigarria enpresako zuzendaritzaren eta CEVA kanpoko zenbait sektoreren jarrera. Kaleratzeen bidez langileak beldurtu nahi izan dituzte. Alternatibarik ez dagoela esanez langileak urduri jartzen ahalegindu dira eta erantzuna greba deialdia mahai gainean jartzea izan da. Borrokak ekarri gaitu honaino», ziurtatu du ELAk.
|
2021-1-4
|
https://www.berria.eus/albisteak/191805/assange-ez-dute-estraditatuko-buruko-osasun-arazoak-direla-eta.htm
|
Mundua
|
Assange ez dute estraditatuko, buruko osasun arazoak direla eta
|
Londresko Vanessa Baraitser epaileak jakinarazi du erabakia. AEBek espioitza egozten diote Erresuma Batuan preso dagoen ekintzaileari.
|
Assange ez dute estraditatuko, buruko osasun arazoak direla eta. Londresko Vanessa Baraitser epaileak jakinarazi du erabakia. AEBek espioitza egozten diote Erresuma Batuan preso dagoen ekintzaileari.
|
Ez dute estraditatuko. Hala erabaki du Wikileaksen sortzaile Julian Assangeren auzian arduratzen den Vanessa Baraitser epaileak, AEBetara eramateak kazetariaren buruko osasun arazoak okerragotuko lituzkeelako. «Assange ikusita izan dudan inpresioa da depresioak jotako eta etsita dagoen gizon batena, eta etorkizunak zer ekarriko ote dion beldur den gizon batena», adierazi du Baraitserrek.
Epaitegien iritziz, AEBen estradizio eskaerak baldintza guztiak betetzen dituen arren, Washingtonek ezingo luke bermatu akusatuak bere buruaz beste egingo ez duenik. «Assangek ez lituzke izango Belmarsheko segurtasun handiko espetxeak eskaintzen dizkion segurtasun neurriak, eta AEBek zerrendatutako neurriek ez dute bermatzen hark bere buruaz beste egingo ez duenik», azaldu du epaileak estradizioari ezezkoa eman ostean.
Estradizio eskaria bertan behera geratu dela baliatuta, Assangeren abokatuek eskatu dute hura behin-behinean aske uzteko, baina Baraitserrek atzera bota du eskaria.
Orain AEBetako Gobernuak hamalau eguneko epea du helegitea aurkezteko. Virginiako fiskaltzak (AEB) 175 urteko kartzela zigorra eskatzen du kazetariarentzat, baina Etxe Zuriak zehaztu du horietatik lau eta zortzi urte artean bete beharko lituzkeela. Assangeren abokatuek ohartarazi dute, ordea, horiek Coloradoko segurtasun handiko espetxe batean beteko lituzkeela seguruenik, eta han bakarturik igaroko lituzkeela eguneko ordu gehienak, eta horrek haren osasuna okertzea eragingo lukeela.
Epailearen erabakia baino lehen Assangeren bikotekide Stella Morisek ohartarazia AEBen estradizio eskaria onartzeak kolokan jarriko lituzkeela Erresuma Batuko herritarren eskubideak. «Hondamendia litzateke, bai politikoki eta bai legeari dagokionez ere. Onargarri denaren mugak berridatziko lituzke estradizio eskaria onartzeak. Atzerriko gobernuek kazetarien edo, zergatik ez, Facebookeko erabiltzaileen aurka egin ahal izango lukete argudiatuz euren zentsura legeak urratu dituztela», idatzi zuen Morisek Daily Mail egunkarian igandean.
Erreakzioak
Assangeren aurkako auziak nazioarteko erakunde eta agintarien kritikak jaso ditu, eta haren kontrako estradizio eskaria atzera bota izana garaipentzat jo dute askok. «Estradizio akordioak ez lirateke erabili behar jazarpen politikoa egiteko», gaitzetsi du David Davis diputatu kontserbadoreak. Pozik agertu da John Pilger dokumentalista ere, bera izan da kazetaria askatzeko kanpaina bultzatu duenetako bat ere: «Bikaina da erabakia, baina ez dugu ahaztu behar ebazpena Erresuma Batuaren jarrera lotsagarria estaltzeko modu bat ere badela, Londresek bat egin baitu epaiketa politiko honekin».
Badira hamar urte pasa Assangek sortutako Wikileaks atariak Iraken eta Afganistanen egindako sarraskiei buruzko informazioa zabaldu zuela. Akusazioaren arabera, Chelsea Manning analista estatubatuarra lagundu zuen kazetariak hark AEBetako Espioitza Legea urra zezan, eta informazio klasifikatua lor zezan ondoren bere atarian argitaratzeko. Defentsak ukatu du halakorik eta dio Assangek eta haren taldeak zabaldutako informazioak ez zuela inor arriskuan jarri. Aldiz, leporatzen diote Washingtoni auzi politiko bat abian jarri izana, Wikileaksek militar estatubatuarrek egindako gerra krimenak argitara atera zituelako.
Wikileakseko editore Kristinn Hrafnssonek salatu du Assangeren aurkako salaketa auzitegietara iritsi izana «adierazpen askatasunaren aurkako eraso larria» dela. «Nazioarteko erakundeei eta gobernuz kanpokoei entzun beharko liekete AEBek. Haiek aspaldian ari dira eskatzen Assangeren aurkako salaketak erretiratu eta auzia ixteko».
Atariaren sortzailea segurtasun handiko Belmarsh espetxean dago preso 2017an Erresuma Batuko Poliziak Ekuadorrek Londresen duen enbaxadan atxilotu zuenetik. Haren gertukoek salatu dute enbaxadan eta espetxean igaro duen denborak buruko arazoak eragin dizkiola. Haren estradizioari buruzko auzia saioan medikuek esan zuten Assangek Asperger sindromearen sintomak zituela eta espetxean jarraitzeak bere buruaz beste egitera bultza zezakeela.
|
2021-1-4
|
https://www.berria.eus/albisteak/191806/foro-sozialak-ontzat-jo-du-immobilismoa-gainditu-izana-baina-ez-presoak-erdizka-hurbiltzea.htm
|
Politika
|
Foro Sozialak ontzat jo du «immobilismoa» gainditu izana, baina ez presoak «erdizka» hurbiltzea
|
Foro Sozial Iraunkorrak datozen hilabeteetarako erronkak zehaztu ditu.
|
Foro Sozialak ontzat jo du «immobilismoa» gainditu izana, baina ez presoak «erdizka» hurbiltzea. Foro Sozial Iraunkorrak datozen hilabeteetarako erronkak zehaztu ditu.
|
Aurkia eta ifrentzua. Bi aurpegi horiek ditu euskal presoen auziaren bilakaerak, Foro Sozial Iraunkorrak egoeraz eginiko azterketatik ondoriozta daitekeenez. Presoen auzia konpontzeko aurrerapenei, blokeoei eta atzerapausoei buruzko azterketa egin du Foro Sozial Iraunkorrak, eta azken urte eta erdiko bilakaeran bi ondorio nabarmendu ditu: Pedro Sanchezen gobernuaren neurriek gainditutzat ematen dutela Mariano Rajoyren gobernuaren garaiko «immobilismoa», baina ezin dituztela ontzat hartu orain arte eginiko «erdizkako» hurbilketak: «Ulertzen zailak dira. Datuek erakusten dute Euskal Herriko lau espetxeek badutela horretarako leku nahikoa».
Teresa Todak xehatu ditu azterketaren ondorioak: Euskal Preso Politikoen Kolektiboko preso gehienak 600 eta 1.100 kilometro bitarteko distantziara daude, lehen graduan: «Oraindik urrun gaude konponbide integralaren agertokitik, urrats positiboak egin diren arren. Gutxiengo bat dago Euskal Herriko espetxeetan». Todak nabarmendu du «gehiengo instituzional, sindikal eta sozial transbersal nahikoa" daudela «konponbide fase integral batean sartzeko». Adostasun horiek bi funtzio dituzte, Todaren esanetan: bat da «Espainiako Gobernuari palanka egitea, laguntza ematea irtenbide baten kontra dauden sektoreen aurrean»; bestetik, azaldu du Foro Sozialak 2018ko udazkenean planteatutako auziei ez zaiela erantzunik eman oraindik; alegia, 70 urtetik gorakoak eta gaixo daudenak espetxetik irteteko beharrari.
Hasi berri den urteari begira, eta txostena aztertuta, hurrengo faseak identifikatu ditu Nekane Alzelaik: batetik, «salbuespenezko egoerekin bukatzea»; bestetik, bigarrenean bi azpifase bereizi dituzte: birgizarteratzeko plan bat definitu beharra eta 7/2003 Legearen arabera zigortutakoei «konponbide egokia eta garaiekin bat datorrena» emateko beharra.
Hurbilketei dagokienez, eta birgizarteratzearen testuinguruan, Foro Sozial Iraunkorrak azaldu du preso eta senideentzat hobe dela «zigorra Villabona betetzea eta ez Algecirasen», baina galdera luzatu du: «Kontua da ze irizpideren arabera ezin diren Euskal Herriko espetxeetara hurbildu". Ildo horretan, Alzelaik eta Agus Hernanek gogorarazi dute adostasun instituzional, sindikal eta sozial «zabala» dagoela uste baten inguruan: Euskal Herriko espetxeetara ekartzeak bermatzen duela presoen errotzea. Adostasun hori %92 ingurukoa Eusko Legebiltzarrean eta %60koa Nafarroako Parlamentuan, Alzelairen hitzetan. «Espetxe politika normalizatu» bat ezartzearen alde daude Espainiako Kongresuko diputatuen %55 ere, Foro Sozial Iraunkorrak gogora ekarri duenez, eta Alzelaik izurriak sortutako egoerari ere erreferentzia egin dio presoak Euskal Herriratzeko: «Premiazkotzat jotzen dugu COVID-19 garaiotan senide eta hurbilei zigor gehigarria ezartzen dien urruntzea amaitzea».
Gizarteratzea eta 7/2003 Legea
Presoak saikatzeko graduei ere erreparatu die Foro Sozial Iraunkorrak. Gogorarazi du lehen graduan daudela gehienak, «kopuru nabarmen bat» bigarrenean eta «txiki bat» hirugarrenean. Gerturatzeekin batera gertatzen ari dira gradu progresioak: «Bigarren gradura igarotzea eta gerturatzea urrats positiboak dira norabide egokian, baina horrek balio behar du aurrera egiteko eta ez bide itsu batean trabatuta geratzeko». Zuerako espetxearen egoera jarri du adibide. Testuinguru horretan, salatu dute bi gaik baldintzatzen dutela presoei banakako programak ezartzeko aukera: «Berariazkoak ez izatea eta laguntzeko ardura duten funtzionario ugariren jokabide ideologikoak».
Euskal Herriratzeek eta gradu progresioak osatzen dute Foro Sozial Iraunkorrak aurkeztutako lehen fasea, eta birgizarteratzearena da bigarrena. Norabide horretan, Alzelaik aitortu du espetxe politikan aldaketa ez dela «lineala izango eta dagoeneko, gertatzen ari den bezala, aurrerapenak eta blokeoak» egongo direla. Haatik, fase berrian, uste du presoak gizarteratzeko plan bat egin behar dela, «erakunde publikoek gidatua eta eragileekin adostua, baldintzapeko askatasuna lortzeko eta birgizarteratzeko bidean laguntzeko».
Bestetik, beharrezko jo dute 7/2003 Legearen arabera zigortutakoentzat «garai politikoarekin bat datorren konponbide bat» ematea. Horretarako, uste dute nazioarteko estandarrei jarraitu beharko zaiela, «bakea bermatzeko eta gatazka ez errepikatzea ziurtatzeko. Zigor estrategiarekin amaitzea beharrezkoa da».
|
2021-1-4
|
https://www.berria.eus/albisteak/191807/amaitu-dute-ablitasko-mosaiko-erromatarra-zaharberritzen.htm
|
Kultura
|
Amaitu dute Ablitasko mosaiko erromatarra zaharberritzen
|
El Villarko aztarnategiko etxe bateko gelako zorua lur azpitik atera eta txukundu dute. Zirkuluak eta gurutzeak marraztu zituzten hiru koloreko teselekin.
|
Amaitu dute Ablitasko mosaiko erromatarra zaharberritzen. El Villarko aztarnategiko etxe bateko gelako zorua lur azpitik atera eta txukundu dute. Zirkuluak eta gurutzeak marraztu zituzten hiru koloreko teselekin.
|
Zoru oso bat, 23,5 metro koadro, tesela zuriz, beltzez eta gorriz osaturiko forma geometrikoekin. Horra Ablitasen (Nafarroa) El Villar aztarnategian zaharberritu duten mosaikoa. Nafarroan azken 25 urteotan osorik aurkitu duten bakarra da, eta hiru urte eman dute hura lur azpitik ateratzen, eta bere onera ekartzen.
Erromatarren galtzada batetik gertu eraiki zuten jauretxe handi bateko 19. gelaren zorua zen. Oktogono formakoa. Zirkuluak eta gurutzeak marraztu zituzten koloretako zeramikazko lauki txikiekin, hau da, teselekin. Horietako batzuk pirita mineralezkoak ziren, eta horrek nolabaiteko urregorri kolorea ematen dio zoruari.
2010. urtetik ari dira lanean aztarnategi horretan. 2017an aurkitu zuten 19. gela, eta, hurrengo urtean, indusketa babestu zuten 768 metro koadroko estalpe bat eraikita. Abiltasko Udala da aztarnategiaren jabea, eta, besteak beste, Nafarroako Gobernua eta Vianako Printzearen Erakundea aritu dira lanak bultzatzen.
Amaitu berri den urtean garbitu dute 19. gela. Lurra kendu ondoren, teselak eta haiek itsasteko morteroa zerekin egin zituzten dauden aztertu dute. Horrez gain, gelaren inguruko horma sendotu dute, askatuta zeuden guneak berriz itsatsi dituzte, eta zuloak bete dituzte. Galtza bete lan eduki dute teselen gainean sortutako karezko pinportak kentzen. Izan ere, teselen kolorea ez kaltetzeko, bisturiarekin kendu behar izan dituzte, banan-banan eta eskuz. Berta Balduz adituak zuzendu ditu lanak, eta 25.000 euro inbertitu dituzte horretan.
Aztarnategian pieza asko atera dituzte urteotan. 2013ean, amodioaren jainko Kupido irudikatzen duen figuratxo bat aurkitu zuten. Horrez gain, txanponak eta azabatxezko zintzilikario bat topatu dituzte.
Mosaikoa egurrezko estalki batekin babestu dute.
Ablitasko El Villar aztarnategian topaturiko mosaikoa, zaharberritzearen fase batzuetan. NAFARROAKO GOBERNUA
Aztarnategiak emango du zeresana datozen urteotan ere. 2020an udala aritu da Kristo ondorengo IV. mendeko beste hainbat gela zaharberritzen, eta lan horiekin jarraitzeko asmoa daukate.
Garrantzi handia eduki zuten garaian halako landetxe handik. Izan ere, nekazaritzara eta abeltzaintza lantzeko oinarrizko unitateak ziren, normalean familia baten ardurapean. Han bizi zen familia, eta han lantzen, eraldatzen eta gordetzen zituzten inguruko lurrei eta animaliei erauzitako mozkinak. Hau da, mendialdean gero baserriek edukiko zuten antzeko eginkizuna zeukaten, parekatze aldera.
El Villarren, esaterako zerealak, ardoa, olioa eta bestelakoak lantzen zituzten. Bidearen aldamenean egoteak aukera ematen zien gero mozkinak hirietara eramateko, saltzera.
|
2021-1-4
|
https://www.berria.eus/albisteak/191808/azken-unean-galdu-du-alavesek.htm
|
Kirola
|
Azken unean galdu du Alavesek
|
Azken ordu erdia jokalari bat gutxiago zuela jokatu arren, gasteiztarrek neurketa berdintzea lortu dute, baina Luis Suarezek 90. minutuan sartu du Atletico Madrilen bigarren gola.
|
Azken unean galdu du Alavesek. Azken ordu erdia jokalari bat gutxiago zuela jokatu arren, gasteiztarrek neurketa berdintzea lortu dute, baina Luis Suarezek 90. minutuan sartu du Atletico Madrilen bigarren gola.
|
Alavesek Ia lortu zuen ondo merezitako puntua. Aurten bikain ari da Atletico Madril, Espainiako Ligako liderra, baina atzo izerdi franko atera behar izan zuten Mendizorrotzatik hiru puntuak eramateko. 60. minutuan epaileak Laguardia kaleratu zuenean neurketa aldapan gora jarri zitzaien gasteiztarrei, eta berdintzea lortu zuten arren, azken unean sartu zuen Luis Suarezek madrildarren gola.
Lehen zatian neurketa serioa egin zuten bi taldeek, aurkariari aukera gutxi emanez, baina kontraeraso batean aurrea hartu zuen Atleticok, zorte apur batekin. Jokaldi ona egin zuen Marcos Llorentek, eta area kanpotik egin zuen erremateak sarean bukatu zuen Laguardiari jo ostean. Ezin izan zuen ezer egin Pachecok.
Gauzak zail jarri zizkion Alavesek Atleticori, baina ez zuen ia gol aukerarik sortu Pablo Machinen taldeak. 60. minutuan, ordea, neurketa aldatu zuen jokaldia gertatu zen. Laguardiak sarrera gogorra egin zion Lemarri, eta epaileak hasieran txartel horia atera zion arren, VAR-ean begiratu ostean, kaleratu egin zuen Alaveseko jokalaria.
Hortik aurrera, zabaldu egin zen neurketa. Madrildarrak bigarren gola sartzeko saiakerei ekin zieten. Pachecok pare bat geldiketa on egin zituen, eta gero iritsi zen Alavesen oldarraldia. Abisua Lejeunek eman zuen, zutoinean jo zuen burukada batekin, eta gutxi geroago heldu zen gola, 83. minutuan. Joseluk zuzendu zuen kontraerasoa, eta haren erdiraketa gol bilakatu zuten Lucas Perezen eta Monteiroren artean.
90. minutuan, ordea, Joao Felixen erdiraketa bikain bat bultza soilik egin behar izan zuen Luis Suarezek, ta han amaitu ziren babazorroen amets guztiak. Madrilera egin zuten hegan hiru puntuek.
Alaves: Pacheco; Agirregabiria, Laguardia, Lejeune, Javi Lopez (Adrian Marin, 87. min); Battaglia, Manu Garcia (Luis Rioja, 67. min), Peleteiro, Borja Sainz (Alberto Rodriguez, 67. min), Edgar Mendez (Joselu, 74. min); eta Deyverson (Lucas Perez, 74. min).
Atletico Madril: Oblak; Gimenez, Monteiro (Renan Lodi, 86. min), Hermoso; Koke, Llorente, Lemar, Vrsaljko, Carrasco (Saul, 81. min); Correa (Joao Felix, 61. min) eta Luis Suarez.
|
2021-1-4
|
https://www.berria.eus/albisteak/191809/positibo-tasak-10eko-langa-gainditu-du-nafarroan.htm
|
Gizartea
|
Positibo tasak %10eko langa gainditu du Nafarroan
|
Hego Euskal Herrian 450 positibo atzeman dituzte, eta lau herrialdeotako batez besteko positibotasuna %7,3 da.
|
Positibo tasak %10eko langa gainditu du Nafarroan. Hego Euskal Herrian 450 positibo atzeman dituzte, eta lau herrialdeotako batez besteko positibotasuna %7,3 da.
|
450 positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian atzo eginiko probetan. Guztira, 6.151 PCR eta antigenoko test egin zituzten atzo Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan (bezperan baino 341 gehiago). Horren arabera, positibo tasa %7,3 da gaur; atzokoaren pare (%7,5 zen). Hala ere, alde handiak daude herrialdeen artean.
Osasunbideak emaniko behin-behineko datuak kezkagarriak dira Nafarroan: positibo berrien kopurua handitu da (88, bezperan baino 22 gehiago), baina, batez ere, positibotasun maila igo da nabarmen: %6,8tik %10,6raino. Horren gibelean egon liteke atzo eginiko PCR eta antigenoko test kopuru apala: 827.
Bizkaian, 188 positibo detektatu dituzte (bezperan baino 36 gehiago); Gipuzkoan, 132 (aurreko egunean baino 6 gutxiago); eta Arabak izan du, alde handiz, jaitsiera nabarmena: 39 kasu atzeman dituzte, larunbatean baino 33 gutxiago.
Ospitaleetako presioari dagokionez, Osakidetzak jakinarazi du 35 pertsona ospitaleratu zituztela atzo COVID-19arengatik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroan ez zuten inor ospitaleratu. Oraintxe 99 gaixo larri daude Hego Euskal Herriko ZIUetan.
Nafarroako Gobernuak, berriz, aurreko egunetan gertatutako bi heriotzaren berri eman du: 38 urteko gizon bat eta 85 urteko bat hil dira, hain zuzen.
Sartu-irtenak zerrendan
Pandemiaren bilakaera ezberdina da herriz herri, eta Eusko Jaurlaritza irizpide hori erabiltzen ari da ostalaritza ireki ahal izateko. Osasun Sailaren azken eguneraketaren arabera, hauek dira 100.000 biztanleko 500 kasutik gora dituzten 5.000 biztanletik gorako udalerriak: Aretxabaleta, Beasain, Lazkao (Gipuzkoa); Bermeo eta Arrigorriaga (Bizkaia).
Azpeitia eta Arrasate (Gipuzkoa) zerrendatik atera dira, eta, beraz, tabernak eta jatetxeak berriz ireki ahal izango dituzte haietan.
Dena den, eta 5.000 biztanle baino gutxiagoko udalerriak diren arren, Osasun Sailak erabaki du Gipuzkoako hiru herritan ostalaritza ez irekitzea: Eskoriatzan, Ataunen eta Olaberrian. Jaurlaritzak uste du hobe dela herri horietan tabernak eta jatetxeak ez irekitzea, egoera epidemiologikoa ikusita.
|
2021-1-4
|
https://www.berria.eus/albisteak/191810/uranioa-20-aberasten-hasi-da-iran-itun-nuklearraren-mugatik-gora.htm
|
Mundua
|
Uranioa %20 aberasten hasi da Iran, itun nuklearraren mugatik gora
|
Neurriak are gehiago korapilatuko ditu Teheranen eta Washingtonen arteko harremanak. Israelek arma nuklearrak lortzeko ahaleginetan aritzea leporatu dio Irani.
|
Uranioa %20 aberasten hasi da Iran, itun nuklearraren mugatik gora. Neurriak are gehiago korapilatuko ditu Teheranen eta Washingtonen arteko harremanak. Israelek arma nuklearrak lortzeko ahaleginetan aritzea leporatu dio Irani.
|
Vienako itun nuklearraren mugak gainditu ditu berriro ere Iranek. Oraingoan, aurrekoetan baino nabarmenago. Uranioa %20 aberasteko prozesua hasi duela jakinarazi zuen atzo, eta hala baieztatu zuen IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak —NBEren erakunde ikuskatzaileak—. 2015eko akordioak %3,67an ezarri zion aberaste muga Irani, eta lehenago ere gainditu du langa hori, baina %4,5eko aberaste mailara heldu da gehienez, azken iragarpenean adierazitakoa baino dezente apalago.
Teheranen azken urratsak are gehiago zailduko ditu Washingtonekiko harremanak. Gatazkatsuak ziren aurretik, eta tentsioa areagotzen joan da Donald Trump AEBetako jarduneko presidentearen agintaldiaren amaieran. Joe Biden presidente hautatua itun nuklearrera itzultzearen alde agertu da, baina ikusteko dago AEBek zein norabide hartuko duten haren agintepean.
Hassan Rohani Irango presidenteak prozedurak hasteko agindua sinatu eta minutu gutxira hasi ziren, atzo, uranioa aberasten Fordowko lantegian, mendi baten lur azpian eraikitako gunean. Egun, uranioa aberasteko bi gune ditu Iranek; Fordown bata eta Natanzen bestea. Bigarren horretan, 5.060 zentrifugatzaile jartzeko baimena aitortzen dio akordioak, betiere, ahalmen gutxien dutenak izan behar dutela zehaztuta. Aldiz, Fordown ezingo luke uranioa aberastu hamabost urteko epean, ezta gunea ikerketa teknologikoa ez den beste helburu baterako erabili ere. Joan den abenduan jakin zen Iranek eraikitze lanak hasi zituela gunean, obren berri eman gabe.
Irani arma nuklearrak lortzeko aukera eragoztea da akordioaren helburuetako bat. Horiek ekoizteko ezinbestekoa da uranioa %90 aberastea, eta maila horretatik urrun dago egun Teheran. Hala ere, Israelek arma nuklearrekin lotu du Iranen iragarpena, eta ohartarazi ez duela halakorik onartuko. «Uranioa gehiago aberasteak eta lurpean uranioa aberasteko ahalmena handitzeko erabakiak helburu bakarra du, eta arma militarrak ekoiztea da», idatzi du Benjamin Netanyahu lehen ministroak Twitterren.
«Iranen mehatxuei» erantzuteko, AEBek Pertsiar golkoan mantenduko dute USS Nimitz gerraontzia. Abendu bukaeran itzuli behar zuen AEBetara, baina Washingtonek ez du erretiratuko. Inguru horretako egoera «gertutik» jarraitzen ari dela ohartarazi dio Teheranek Etxe Zuriari. «Mezu argiak eta gardenak bidali dizkiogu Washingtoni ohiko bideen bidez, baita golkoko gainontzeko herrialdeei ere, inork okerrik egin ez dezan».
Kezka adierazi du Europako Batasuneko diplomaziaburu Josep Borrellek ere. Haren esanetan, Iran «aldendu» egingo da itunetik, aberaste maila gaindituz gero, eta horrek «ondorio esanguratsuak» izan ditzake.
Ituna kolokan
Teheran 2019an hasi zen Vienako ituna ez betetzen. Hilabete batzuk lehenago, 2018ko maiatzean, AEBek akordioa uztea eta Irani zigor ekonomikoak berriz ezartzea erabaki zuten. Ordutik, zalantzazkoa izan da itunaren etorkizuna. Baina, bereziki, Iranen kontrako bi erasok jarri zuten kolokan akordioa, iaz. 2020ko urtarrilean, AEBek Qassem Soleimani Irango Guardia Iraultzaileetako Quds Indarraren komandantea zena hil zuten, eta Teheranek ituna utziko zuela adierazi zuen. Joan den azaroaren 27an, berriz, Mohsen Fakhrizade Irango zientzialari nuklearra hil zuten. Inork ez zuen bere gain hartu erasoa, baina Iranek Israel egin zuen berehala erantzule. Handik lau egunera, programa nuklearra garatzeko lege proposamena onartu zuen Irango Parlamentuak, eta lege horren ondorio da Teheranek atzo iragarritako neurria.
Joan den igandean, Soleimaniren hilketaren urteurrenean, Israelen «amarruan» ez erortzea galdegin zion Mohammad Javad Zarif Irango Atzerri ministroak Trumpi. Haren esanetan, Israel Iranen eta AEBen arteko gerra bat probokatu nahian ari da, Iraken AEBetako armadari eraso eginez. Washingtonek Iranek babestutako miliziei leporatzen dizkie eraso horiek, baina miliziek ez dute halakorik aldarrikatu. Israelgo gobernuak baztertu egin ditu Iranen akusazio «zentzugabeak».
|
2021-1-4
|
https://www.berria.eus/albisteak/191811/pena-iia-k-eta-albisuk-zer-egin-dezaketen-erakutsi-dute.htm
|
Kirola
|
Peña II.a-k eta Albisuk zer egin dezaketen erakutsi dute
|
Gehiago izan ziren atzo Urrutikoetxea-Imaz baino, eta aise gainditu zituzten. Binakako Txapelketako liderrak dira oraingoz.
|
Peña II.a-k eta Albisuk zer egin dezaketen erakutsi dute. Gehiago izan ziren atzo Urrutikoetxea-Imaz baino, eta aise gainditu zituzten. Binakako Txapelketako liderrak dira oraingoz.
|
Indartsu hasi dute Binakako Txapelketa Peña II.a-k eta Albisuk: sailkapeneko liderrak dira oraintxe. 22-8 irabazi zieten atzo Urrutikoetxeari eta Imazi, eta aldea handiagoa ere izan zitekeen irudipena zutela amaitu zuten urdinek neurketa.
Izenak ikusita, Peñak eta Albisuk osatutakoa txapelketako bikoterik ahulenetakoa zela zirudien joan den asteko aurkezpenean. Ez hori bakarrik: Peña txapelketan sartu izanak, Oinatz Bengoetxea kanpoan utzita, ika-mika piztu zuen zaleen artean. Tolosarrak ez zituen nahi bezalako emaitzak eskuratu buruz buruko eta lau eta erdiko txapelketetan, baina, oraingoz, frontoian erakutsi ditu Baikok bere aldeko apustua egin izanaren arrazoiak.
Bikain jokatu zuen atzo Peñak, tantoak ondo bukatuz, eta zer esanik ez Albisuk. Bera izan zen jaun eta jabe kantxan, eta, atzeko koadroak dominatzeaz gainera, sei tanto amaitu zituen. 7-0 hasi ziren irabazten, baita 2-15 ere, eta neurketaren hondarrean soilik erakutsi zuten euren jokoa Urrutikoetxeak eta Imazek. Berandu.
|
2021-1-4
|
https://www.berria.eus/albisteak/191812/auto-berrien-matrikulazioa-laurden-bat-jaitsi-zen-2020an-hego-euskal-herrian.htm
|
Ekonomia
|
Auto berrien matrikulazioa laurden bat jaitsi zen 2020an Hego Euskal Herrian
|
Auto elektrikoen salmenta ia hirukoiztu egin da, eta merkatuaren %4 dira dagoeneko bGasolina darabilten autoak dira salduenak, baina haien merkatu kuota hamar puntu jaitsi da, %54,5 arte
|
Auto berrien matrikulazioa laurden bat jaitsi zen 2020an Hego Euskal Herrian. Auto elektrikoen salmenta ia hirukoiztu egin da, eta merkatuaren %4 dira dagoeneko bGasolina darabilten autoak dira salduenak, baina haien merkatu kuota hamar puntu jaitsi da, %54,5 arte
|
Hotz handia. Autoen salmentarena ekonomiaren tenperaturaren erakusle badira, hori da 2020. urtearen amaieran termometroak erakutsi duena. Danbateko historikoa jaso dute matrikulazioek, ekonomiak amaitu berri den urtean jasotako shock ekonomikoaren neurrikoa. Guztira, Hego Euskal Herrian 38.642 auto berri matrikulatu ziren 2020. urtean, aurrekoan baino 12.570 gutxiago (-%24,5).
Bigarren urtea da jarraian matrikulazioek behera egiten dutela, 2019an ere urritu egin baitziren (-%6,8), baina 2013. urtera arte egin behar da atzera iazkoa baino kopuru txikiagoa ikusteko. Urte hartan ere krisi betean zegoen Euskal Herriko ekonomia, Atzeraldi Handiaren bigarren erorikoan.
Konfinamenduaren asteek eta haiek eragindako krisi ekonomikoak markatutako urtea izan da 2020a. Apirilean, esaterako, auto saltoki guztiak itxita izan ziren, eta 90 auto baizik ez ziren matrikulatu; martxotik zintzilik geratu ziren salmentak, hain zuzen ere.
Orduz gero, izan dira matrikulazioak handitu diren hilabete batzuk, erosketa asko atzeratu egin zirelako eta erosleak animatu zituztelako Eusko Jaurlaritzaren laguntzek. Horrela, uztailean salmentak %31,6 hazi ziren eta abuztuan beste %3,6. Baina diru publikoa agortu ahala eskastu ziren erosteko gogoa eta aukerak, eta salmentek berriro behera egin zuten.
Abendua salbuespena izan da udazken triste batean, %2,3 handitu zirelako matrikulazioak, baina hori beste faktore baten ondorio izan da: urte berriarekin indarrean sartu da ibilgailuen CO2 isurketak neurtzeko Europako Batasuneko araudi berria, WLTP izenekoa. Horren bitartez hobeto neurtu ahal izango dituzte autoen isurketak, eta kasu gehienetan egiaztatuko denez orain arte aitortu baino gehiago kutsatzen dutela, auto batzuk matrikulazio zerga ordaintzen hasiko dira eta zergaren tasa handiagoa pagatu beharko dute beste batzuk. Kontzesionarioek kalkulatu zutenez, WTLPk batez beste mila euro garestituko ditu autoak.
Auto elektrikoen urtea
Matrikulazio zerga ordaintzetik salbuetsita daude ehun kilometroko 120 gramo CO2 baino gutxiago isurtzen duten autoak. Horiek dira, hain zuzen ere, iaz bilakaera onenak izan dutenak. Izan ere, erregai motor hutsa ez darabilten autoen salmenta %65,6 handitu da 2020. urtean. Horien artean gehienek motor hibridoak dituzte, baina gero eta pisu handiagoa dute motor elektriko hutsak dituztenek. Zehazki, iaz hirukoiztu egin zen auto elektrikoen salmenta, eta jada 1.567 dira, iaz saldutakoen %4.
Autoen artean, motor alternatiboen merkatu kuotak jauzi handia egin du, %10,7tik %23,5era. Gainera, urteak aurrera egin ahala are gehiago hazi da, eta abenduan %31,6ra heldu da.
Gasolinari jan dio kuota horren zatirik handiena. Azken urteetan ohi den moduan, gasolina darabilten autoak saldu dira gehien, baina haien merkatu kuota hamar puntu baino gehiago jaitsi da, %65,6tik %54,5era. Ez da, ordea, dieselaren mesedetan izan, azken hori kuota galdu eta galdu ari baita joan den hamarkadaren erdialdetik: 2020an, matrikulatutako autoen %22 baizik ez dira teknologia horretakoak.
Salduena, Peugeot
Urte txarra izan da autogile guztientzat, baina batzuentzat besteentzat baino okerragoa. Ez du urte onik izan Peugeotek Hegoaldean (-%22,8), baina hala ere hura izan da aurten ere salduena, hirugarren urtez jarraian. Atzetik doazkio Seat (-%25,3) eta Volskwagen (-%19). Noranahikoetan eta hibridoetan duten arrakastaren eskutik, urtea ez da hain txarra izan Kiarentzat (-%9,8) eta Toyotarentzat (-%6,6).
Hamar salduenen sailkapenetik erori da klasiko bat, Ford (-%30,2), eta ozta-ozta eutsi dio Opelek (-%44,1).
|
2021-1-4
|
https://www.berria.eus/albisteak/191813/nazioarteko-50-pertsona-ospetsuk-amnistia-eskatu-dute-kataluniako-preso-independentistentzat.htm
|
Mundua
|
Nazioarteko 50 pertsona ospetsuk amnistia eskatu dute Kataluniako preso independentistentzat
|
Gerry Adamsek, Yoko Onok, Dilma Rousseffek eta Irvin Welshek hartu dute parte Omniumek sustatutako kanpaina batean, besteak beste.
|
Nazioarteko 50 pertsona ospetsuk amnistia eskatu dute Kataluniako preso independentistentzat. Gerry Adamsek, Yoko Onok, Dilma Rousseffek eta Irvin Welshek hartu dute parte Omniumek sustatutako kanpaina batean, besteak beste.
|
Jordi Cuixart preso independentista buru duen Omnium Cultural elkarteak mundu osoko 50 pertsona ospetsuk sinatutako manifestu bat eman du gaur argitara. Kulturaren, politikaren eta giza eskubideen alorreko hainbat lagunek amnistia eskatu dute Kataluniako prozesu subiranistarekin lotuta espetxean dauden politikari eta ekintzaileentzat. Dialogue for Catalonia izena jarri diote manifestuari, eta The Washington Post eta The Guardian egunkarietan atera dute.
Sinatzaileen artean daude, besteak beste, Gerry Adams Sinn Feineko presidente ohia, Yoko Ono artista, Dilma Rousseff Brasilgo presidente ohia eta Irvin Welsh idazlea. Nobel saria jaso duten bost pertsonak ere sinatu dute agiria. Bakearen Nobel saria duten Shirin Ebadi abokatu irandarrak, Jody Williams ekintzaile estatubatuarrak, Mairead Corrigan ekintzaile irlandarrak eta Adolfo Perez Esquivel eskultore argentinarrak; eta Literaturaren Nobel saria jaso zuen Elfriede Jelinek idazle austriarrak.
Omnium Culturalek Bruselan duen Omnium Civil Rights Europe ordezkaritzak bultzatu du ekintza. Agiri horretan, Espainiako eta Kataluniako gobernuen arteko «elkarrizketa» eskatu dute, Kataluniako herritarrei «euren etorkizun politikoa erabakitzeko aukera emango dien irtenbide bat» aurki dezaten. Nabarmendu dute, elkarrizketa horiek arrakasta izan dezaten, ezinbestekoa dela «errepresio politikorik» ez egotea eta auzipetuei «amnistia ematea».
Sinatzaileen esanetan, «giza eskubideen nazioarteko eragile nagusiek» kritikatu izan dute Kataluniako buruzagien egungo egoera, eta NBE Nazio Batuen Erakundeak atxiloketa bidegabeei buruz egin zuen lan bat aipatu dute.
Manifestua sinatu dute, lehen esandakoez gain, Benn Emerson eta Michel Forst NBEren kontalari ohiek, Holger K. Nielsen Danimarkako Atzerri ministro ohiak, Clayborn Cason Esloveniako presidente ohiak, Remy Pagani Genevako (Suitza) alkate ohiak eta Mirta Baravalle Maiatzeko Plazako Amak elkarteko sortzaileetako batek.
|
2021-1-4
|
https://www.berria.eus/albisteak/191814/barbara-shelley-beldurrezko-zinemaren-sinboloa-zendu-da.htm
|
Kultura
|
Barbara Shelley beldurrezko zinemaren sinboloa zendu da
|
Erresuma Batuko Hammer ekoiztetxearekin egindako filmek eman zioten ospea aktoreari: 'The Gorgon', 'Dracula, Prince of Darkness' eta 'Quatermass and The Pit', besteak beste.
|
Barbara Shelley beldurrezko zinemaren sinboloa zendu da. Erresuma Batuko Hammer ekoiztetxearekin egindako filmek eman zioten ospea aktoreari: 'The Gorgon', 'Dracula, Prince of Darkness' eta 'Quatermass and The Pit', besteak beste.
|
1957an Frankensteinen mitoari ikuspegi berritzaile batekin heltzearekin batera (The Curse of Frankenstein), Hammer ekoiztetxea beldurrezko zinemaren erreferentzia nagusi bilakatu zen, harik eta 70eko hamarkadaren hasieran gain behera hasi zen arte. Lantalde finko bat samar bat izan zuen ekoiztetxeak hasieratik (Terence Fisher zuzendaria, Jimmy Sangster gidoigilea, Freddie Francis argazki zuzendaria, Peter Cushing eta Christopher Lee aktoreak), eta haren parte izan zen Barbara Shelley aktorea ere. Batik bat 1960ko hamarkadan, hura izan zen ekoiztetxearen izar handienetako bat, eta gaur egun ere erreferentziazko aktore izaten jarraitzen du generoaren jarratzaileentzat, eta baita, oro har, zinemazalentzat ere. Shelley gaur hil da 88 urterekin.
Shelley (Londres, 1932) Mantrap (1953) filmarekin estreinatu zen zineman, hain zuzen ere Fisherren aginduetara eta Hammerren barruan. Artean zinema ekoiztetxea hasi gabe zegoen beldurrezko zinemaren ikonoak berrikusten, baina ordurako ari zen bilakatzen Erresuma Batuko zinema popularraren iturri nagusia. Italian hainbat filmetan parte hartu ostean, Ingalaterrara itzuli, eta telebistarako lanean hastearekin batera, hainbat filmetan ere hartu zuen parte Shelleyk. Blood of the Vampire (1958) eta Village of the Dammed (1960) izan ziren ospea eman zioten lanetako batzuk, eta 1964an Fisherrekin lan egin zuen The Gorgon-en. Ordurako Hammer ekoiztetxearen zuzendari inportanteena zen Fisher, The Curse of Frankenstein-en ondoren, Dracula (1958), The Mummy (1959), The Hound of The Baskervilles (1959), The Brides of Dracula (1960) eta The Faces of Doctor Jekyll (1960) filmekin beldurrezko generoaren faktoria nagusia bilakatu baitzuen Hammer. The Gorgon-ez gain, Dracula kondearen itzuleran ere lan egin zuen Shelleyk Fisherrekin, Dracula Prince of Darkness-en (1965).
Hammerren barruan beste hainbat filmetan ere hartu zuen parte Shelleyk urte haietan: The Camp of Blood Island (1958), Shadow of the Cat (1962), Rasputin, The Mad Monk (1966), Quatermass and The Pit (1967). Baina estudio horretatik kanpo ere egin zuen lan, Blood of the Vampire eta Village of the Dammed-en, esaterako.
70eko hamarkadatik aurrera, telebistan hartu zuen aterpe, eta lan egin zuen 80ko urteak amaitu arte.
|
2021-1-4
|
https://www.berria.eus/albisteak/191815/milaka-urtez-izoztuta-egon-den-errinozero-iletsu-bat-topatu-dute-errusian.htm
|
Gizartea
|
Milaka urtez izoztuta egon den errinozero iletsu bat topatu dute Errusian
|
Inoiz hobekien kontserbaturiko espezie horretako kumea da: barneko organoetako asko, ilea, hortzak eta gantza jaso dituzte, eta baita jandako azkena urdailetik hartu ere. Euskal Herrian, duela 10.000 eta 3.500 urte artean galdu zen espezie hori.
|
Milaka urtez izoztuta egon den errinozero iletsu bat topatu dute Errusian. Inoiz hobekien kontserbaturiko espezie horretako kumea da: barneko organoetako asko, ilea, hortzak eta gantza jaso dituzte, eta baita jandako azkena urdailetik hartu ere. Euskal Herrian, duela 10.000 eta 3.500 urte artean galdu zen espezie hori.
|
Lurra berotu ahala, urtu eta urtu ari da Errusian milaka urtez izoztuta egon den lurra, eta permafrost horrek gordeta eduki duena azaleratzen ari da. Orain, duela 20.000 urte Siberian (Errusia) hil zen errinozero iletsu bat agertu da, eta horren ongi kontserbatuta dago, non urdailean zeukan azken jana ere hondatu gabe dagoen.
Siberia ekialdeko Sakha eskualdeko Tirekhtiakh ibaiko bazter batean topatu zuten animaliaren gorpua, joan zen udan, baina orain jakinarazi dute aurkikuntza, eta irudiak plazaratu dituzte. Kalkulatu dutenez, hiru eta lau urte artean zeukan hil zenean. Orain arte eskualdean aurkituriko errinozero iletsurik gazteen artean hobekien kontserbaturikoa da: barneko organoetako asko, ilea, hortzak eta gantza. Haren adarra ere topatu dute.
Siberian Times egunkariak zabaldu duenez, oraindik ezin izan dute Jakutsk hiriburura eraman, itxaroten ari direlako izotz errepideak sortu arte, errinozeroa garraiatzeko.
Alexei Savvin herritarrak topatu zuen gorpu izoztua, eta aurkikuntza ikertu duen Valery Plotnikov zientzialariak esan duenez, animalia itota hil zen, ziurrenera. Oraindik ez dakite arra edo emea ote zen, eta karbono-14 proba egin ez dioten arren, adituak kalkulatu du duela 20.000 eta 50.000 urte artean bizi izan zela animalia.
Inguru berean topatu zuten 2014. urtean beste errinozero iletsu bat: Sasha izena jarri zioten zientzialariek, eta duela 34.000 urtekoa dela ondorioztatu zuten. Munduan aurkituriko lehen errinozero iletsu kumea izan zen; izan ere, zazpi hilabete baino ez zituen hil zenean. Hari esker frogatu ahal izan zen errinozero iletsuek ile geruza sendoa zutela gaztetatik, hotzerako oso ongi moldatuta zeudelako.
Gaur Euskal Herria den eremuan ere bizi izan ziren errinozero iletsuak, Mesolitora arte, Kristo aurreko 10.000 eta 3.500 urte artean. Orduan galdu egin ziren, mamutarekin batera, glaziazioa amaitu zelako, eta eguraldia asko epeldu zelako.
|
2021-1-4
|
https://www.berria.eus/albisteak/191816/konfinamendua-ezarri-dute-erresuma-batuan-eta-ikastetxeak-itxi-dituzte.htm
|
Mundua
|
Konfinamendua ezarri dute Erresuma Batuan, eta ikastetxeak itxi dituzte
|
Boris Johnsonek adierazi du osasun sistema babesteko asmoz ezarri dutela martxoko konfinamendu bera Ingalaterran. Eskoziak, Galesek eta Ipar Irlandak erabaki bera hartu dute ordu batzuk lehenago. Egun bakarrean, 58.784 positibo atzeman dituzte Erresuma Batuan. Nicola Sturgeonek aitortu du martxoan baino kezkatuago daudela.
|
Konfinamendua ezarri dute Erresuma Batuan, eta ikastetxeak itxi dituzte. Boris Johnsonek adierazi du osasun sistema babesteko asmoz ezarri dutela martxoko konfinamendu bera Ingalaterran. Eskoziak, Galesek eta Ipar Irlandak erabaki bera hartu dute ordu batzuk lehenago. Egun bakarrean, 58.784 positibo atzeman dituzte Erresuma Batuan. Nicola Sturgeonek aitortu du martxoan baino kezkatuago daudela.
|
Telebistan egindako agerraldi batean, Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak iragarri du neurriak zorroztuko dituztela koronabirusaren aldaera berriak izan duen hedapena dela kausa. «Itxialdira jo behar dugu», adierazi du. Herritarrek ezinbestekoa denean soilik izango dute kalera ateratzeko baimena, eta eskolak itxi egingo dituzte. Johnsonek esan du ulertzen dituela eskolen itxierak eragingo dituen «ezinegona eta eragozpenak», baina birusaren transmisiorako «kutsatze bektorea» direla ondorioztatu dutelako hartu dute erabaki hori, haren esanetan.
Johnsonek adierazi du neurri horiek gutxienez sei astez egongo direla indarrean. Herritarrek aukera izango dute egunean behin etxetik ateratzeko jarduera fisikoa egiteko. Ikasleek eskolak etxetik jarraituko dituzte, gutxienez, otsaileko oporretara arte —hilaren 15etik 19rako astea dute jai—. Johnsonek gomendatu du neurri horiek gaurtik aurrera betetzeko, eta saltokiei ere bihartik ixteko gomendioa egin diete. Hala ere, parlamentariek asteazkenean onartuko dituzte neurri berriak.
Gaur emandako datuen arabera, 26.626 paziente daude Ingalaterrako ospitaleetan, gaur zortzi baino %30 gehiago. Apirilaren 12an, 18.374 zeuden. Erresuma Batuan, atzemandako positiboen kopurua hirukoiztu egin da abenduaren hasierako datuekin alderatuz gero.
Azken egunetan, neurriak zorrozteko presioa handitu egin da. Keir Starmer oposizioko laboristak «martxoko espiritura» itzultzeko eskatu dio Johnsoni, eta konfinamendu orokor bat ezartzeko. «Herritarrei neurririk zorrotzenak ezarri behar badizkiegu, txertaketa kanpaina lehenbailehen abiatzeko konpromisoa izan behar dugu. Bi milioi dosi astero urtarrilean, eta bikoitza otsailean. «Horrek izan behar du akordioa», adierazi du Starmerrek.
Eskoziak iragarria zuen koronabirusaren aurkako neurriak gogortuko dituela gauerditik aurrera. Nicola Sturgeon lehen ministroak gaur arratsaldean jakinarazi duenez, asteartetik otsailera arte etxeratzeko agindua eman du, ikastetxeak itxi egingo dituzte, eta, ahal den kasuetan, etxetik lan egin beharko dute eskoziarrek. Gainera, kalean biltzea debekatuta egongo da, eta norberarena ez den beste etxe bateko pertsona bakar batekin elkartu ahal izango da. Taldekako jarduerak bertan behera geratuko dira, eta otoitzerako lekuak ere itxi egingo dituzte.
Sturgeonek azaldu duenez, abenduan aurkitu zuten koronabirusaren aldaera berriak eragin du neurriak gogortzea. Gaur 1.905 positibo atzeman dituzte, eta, Sturgeonen arabera, horien erdiak daude aldaera berriarekin lotuta. Guztira, positibo tasa %15ekoa da Eskozian. Lehen olatuan baino kezkatuago daudela aitortu du lehen ministroak. Kutsatzeen gorako joerak ospitaleetako zerbitzuak kinkan jar ditzakeela esan du, eta horrekin jarraituz gero, hiru edo lau astean gainezka egin dezaketela. Glasgow eta Lanarkshireko ospitaleak oso estu daudela esan du, eta Eguberrien osteko ondorioak ikusteko daudela, gainera.
Araudi berriarekin, soilik oinarrizko eginbeharretara atera ahal izango dira eskoziarrak: hala nola janaria eta botikak erostera, kirola egitera eta zaintza lanak egitera. Eraikuntza eta fabrikazio enpresak irekita egongo dira, baina Sturgeonek ez du baztertu aurrerago horien jarduna ere etetea. Irakasleek txertoa jasotzerako orduan lehentasuna izatea ere ari da aztertzen Eskoziako Gobernua. Orain arte 100.000 lagunek jaso dute txertoa, eta aurki beste 900.000 dosi izatea espero dute. Edonola ere, ikastetxeak ireki ahal izateko neurriak bete behar direla eta birusaren transmisioa murriztu behar dela esan du Sturgeonek. «Eskoziako Gobernuak ahal duena egingo du birusaren zabalpena eteteko, baina guztion ardura da ahal duguna egitea».
Koronabirusaren aldaera berria Kenten agertu zen, abendu hasieran, eta hasierako birusa baino azkarrago zabaltzen ari da. Hain zuzen, Aviron Baionako errugbi taldeko hamar kidek positibo eman dute aldaera horretan, Leicesterren aurka jokatu ostean.
|
2021-1-4
|
https://www.berria.eus/albisteak/191817/aiton-etxe-egoitzak-argitu-du-ez-duela-ukatu-txertaketarako-eskubidea.htm
|
Gizartea
|
Aiton-Etxe egoitzak argitu du ez duela ukatu txertaketarako eskubidea
|
Oiartzungo Aiton-Etxe eguneko zentroko zuzendaritzak ohar batean azaldu du egoiliarrek «libreki» erabaki dezaketela COVID-19aren kontrako txertoa jarri edo ez. Egoiliarrei txertoa jartzearen aurka agertu zen zentroa joan den astean, oraindik ere «esperimentazio fasean» dagoela argudiatuta.
|
Aiton-Etxe egoitzak argitu du ez duela ukatu txertaketarako eskubidea. Oiartzungo Aiton-Etxe eguneko zentroko zuzendaritzak ohar batean azaldu du egoiliarrek «libreki» erabaki dezaketela COVID-19aren kontrako txertoa jarri edo ez. Egoiliarrei txertoa jartzearen aurka agertu zen zentroa joan den astean, oraindik ere «esperimentazio fasean» dagoela argudiatuta.
|
Koronabirusaren kontrako Pfizer-Biontech txertoa jartzearen aurka agertu zen joan den astean Oiartzungo (Gipuzkoa) Aiton-Etxe eguneko zentroa. Zuzendariak, egoiliarren senideei bidalitako mezu batean, arrazoitu zuen txertoa «esperimentazio fasean» dagoela eta «epe laburrean albo ondorio larriak» eragin ditzakeela. Orain, beste ohar bat argitaratu du zentroak, eta, hartan, argitu du egoitzak ez diela «inoiz ere» txertatzeko eskubidea ukatu bertako erabiltzaileei. Dena dela, zuzendaritza taldeak adierazi du egoitzak berak ez duela prozesua bideratuko, eta esan du txertatua izan nahi duenak aukera duela «bakoitzari dagokion osasun etxera jotzeko».
Zentroak adierazi du «datu objektiboen bidez informazioa ematea» izan zela joan den astean argitaratutako oharraren asmoa.
|
2021-1-4
|
https://www.berria.eus/albisteak/191818/caparrosoko-behi-haztegia-halako-bi-handitu-ahal-izango-du-valle-de-odietak.htm
|
Ekonomia
|
Caparrosoko behi haztegia halako bi handitu ahal izango du Valle de Odietak
|
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak enpresaren proiektuaren alde ebatzi du, eta Nafarroako Gobernuak esan du onartuko duela erabakia.
|
Caparrosoko behi haztegia halako bi handitu ahal izango du Valle de Odietak. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak enpresaren proiektuaren alde ebatzi du, eta Nafarroako Gobernuak esan du onartuko duela erabakia.
|
Epaitegiek kendu egin dute Nafarroako Gobernuak jarritako eragozpena Caparrosoko 3.450 behiko haztegia halako bi handitu ez zedin. Hibridacion Termosolar Navarrak eta Valle de Odietak libre dute esnearen merkatua are gehiago baldintzatuko duen etxalde handia handitzeko. Proiektuak jasotzen du 3.450 behitik 7.200 behira handituko dela haztegi hori. Uxue Barkos presidente zuen gobernuak ukatu egin zion enpresari ingurumen baimena, 2018. urtean, baina enpresak auzitara jo zuen, eta Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak aintzat hartu du hein handi batean esnetako behien etxalde handiaren jabeen erreklamazioa. Dagoeneko, Nafarroako Gobernuak iragarri du onartu egingo duela erabaki judizial hori. Hala, Valle de Odieta kooperatibaren esku dago Caparrosoko haztegia halako bi bihurtzen hastea.
Gobernuak, hala ere, azaldu du haztegi handien kokapenaren inguruko arautegi berri bat sortzeko lanean jarraituko duela. Animalien osasunaren legearen balizko aldaketa bat prestatzen ari da Iruñea, «segurtasun juridikoarekin galarazteko Nafarroan horrelako haztegiak kokatzea». Izan ere, gobernuaren arabera, etxalde handi horiek «ondorio larriak ekar ditzakete Nafarroako abeltzainentzat, ingurumenarentzat eta lurraldearentzat, oro har, eragin handiak baitituzte sozialki, ekonomikoki, ingurumenari begira eta osasunari begira ere bai». Bioaniztasunaren eta jasangarritasunaren aldeko apustuan dela ere erantsi du Nafarroako Gobernuak. Valle de Odietaren etxaldea eta biometanizazio planta 2010etik daude martxan Caparroson, baina soilik 3.450 behirentzat.
Isunen bilduma bat
Valle de Odietak dozena bat isun ordaindu behar izan ditu gaur arte. 5.531 behi ere izan dituela salatu zuen Compañía de las 3 Rs enpresak. Caparrosoko Udalarentzat, ordea, etxalde hori «beste enpresa bat da». Carlos Alcuaz alkateak (PSN) dio «inbertsio garrantzitsuak egin dituela herrian». Ingurumenarekin lotuta enpresak jasotako isunak direla eta, Alcuazek argitu du udalak ez dituela eskuduntzarik, eta ez duela gaiari buruzko informazio askorik.
Valle de Odietak 20.000 esne behi izango dituen ustiategi erraldoia ireki nahi du Noviercas herrian (Soria, Espainia), Tuteratik 60 kilometrora. Caparrosoko mehatxua ez da bakarra, beraz, ezta handiena ere esnearen alorrean jarduten diren abeltzain txikientzat. Soriako etxalde izugarri horren baimena bere bidea egiten ari da administrazioan, eta enpresa lurrak erosten hasi da Noviercas herri txikian. Herritarrek badakite 20.000 behi ustiatzeko ur asko behar dela, eta haien zimaurra eta pixorrak kudeatzeak erabat hondatu dezaketela lurra, behien kontzentrazio izugarria dela eta. Baina herrian oso jende gutxi bizi da, eta lurrei, «sekula ezer oparorik eman ez duten lurrei», etekina ateratzeko aukera dute. Horrela onartu zioten BERRIAri beren lurrak saltzeko zain zeuden bi jabek.
Horiek horrela, proiektu handi hori hori gauzatzea inbertitzaileen esku dagoela ematen du, Gaztela eta Leongo Junta etxalde erraldoiaren aldeko jarrera azaldu baitu. 20.000 behi buruko haztegi baten presioak esnearen merkatua lehertuko duela ohartarazi dute sektoreko sindikatuek; bistan da kalte izugarria egin dezakeela Caparrosoko etxaldean 7.200 behi egoteak ere.
|
2021-1-4
|
https://www.berria.eus/albisteak/191819/sortuk-manifestazio-batera-deitu-du-hilaren-16rako-urriaren-12ko-protestarien-auzipetzea-salatzeko.htm
|
Politika
|
Sortuk manifestazio batera deitu du hilaren 16rako, urriaren 12ko protestarien auzipetzea salatzeko
|
Manifestazioa Iruñeko Antoniuttitik abiatuko da, 17:30ean. Hamabi lagun Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratzera deitu izana eta «1978ko erregimenaren gehiegikeriak» salatuko dituzte.
|
Sortuk manifestazio batera deitu du hilaren 16rako, urriaren 12ko protestarien auzipetzea salatzeko. Manifestazioa Iruñeko Antoniuttitik abiatuko da, 17:30ean. Hamabi lagun Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratzera deitu izana eta «1978ko erregimenaren gehiegikeriak» salatuko dituzte.
|
Sortuk eta nazioarteko hainbat elkartek deituta, protesta bat egin zuten Iruñean urriaren 12an, Hispanitatearen Eguna salatzeko. Zehazki, Felipe VI.a Espainiako erregearen eta Kristobal Kolonen figura erraldoiak lurrera bota zituzten Diputazio Jauregiaren aurrean, eta adierazi zuten urriaren 12an ez zeukatela «ezer ospatzeko». Urriaren akaberarako, polizia etxera deklaratzera deitu zituzten hamasei lagun, eta horietako hamabi Espainiako Auzitegi Nazionalera deitu dituzte. Hori salatzeko, Sortuk manifestazio batera deitu du urtarrilaren 16rako.
Alderdiak ohar batean azaldu duenez, protestariak deklaratzera deitu izana «oinarrizko askatasunen kontrako eraso bat da», eta horrek agerian uzten du urriaren 12ko ekintzak berak salatu asmo zuena: «Historian zehar herrien eta herritarren zapalkuntzaren gainean eraiki dela Espainiaren proiektua, inposizioaren eta errepresioaren gainean». Horregatik, protesta hori auzitegietara eraman izana baino gehiago, «1978ko erregimena» bera nahi dute gaitzetsi.
|
2021-1-4
|
https://www.berria.eus/albisteak/191820/andre-baten-gorpua-aurkitu-dute-aizarnazabalen-indarkeria-zantzuekin.htm
|
Gizartea
|
Andre baten gorpua aurkitu dute Aizarnazabalen, indarkeria zantzuekin
|
Heriotza argitzeko ikerketa hasi du Ertzaintzak
|
Andre baten gorpua aurkitu dute Aizarnazabalen, indarkeria zantzuekin. Heriotza argitzeko ikerketa hasi du Ertzaintzak
|
Emakumezko baten gorpua aurkitu dute, gaur, Aizarnazabalen (Gipuzkoa), eta Ertzaintzak Berria-ri jakinarazi dionez, indarkeria zantzuak ditu. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak hedabideei helarazitako oharraren arabera, urtarrilaren 1ean Donostiako 32 urteko emakumezko baten desagerpena salatu zuten Ertzaintzan, eta, harena izan liteke gorpua, nahiz eta ez duten baieztatu.
11:00ak inguru zirenean topatu dute gorpua behargin batzuek Urola ibaitik gertu, sasi batzuetan, eta Ertzaintzari deitu diote. Epaileak gorpua altxatzeko agindua eman eta gero, Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutura eraman dute, autopsia egiteko eta heriotza zerk eragin duen zehazteko.
Heriotza argitzeko ikerketa hasi du Ertzaintzak, eta Segurtasun Sailak adierazi du hipotesi guztiak daudela zabalik.
|
2021-1-4
|
https://www.berria.eus/albisteak/191821/bat-egitea-onartu-dute-peugeotek-eta-fiatek.htm
|
Ekonomia
|
Bat egitea onartu dute Peugeotek eta Fiatek
|
'Stellantis' izena hartuko du enpresa berriak, urtarrilaren 16an.
|
Bat egitea onartu dute Peugeotek eta Fiatek. 'Stellantis' izena hartuko du enpresa berriak, urtarrilaren 16an.
|
2021. urteak autogile handi baten sorrera ikusiko du: Stellantis. Izen hori aukeratu dute Peugeot Citroenek (PSA) eta Fiat Chrysler Automobiles (FCA) beren bat egiteak eratuko duen enpresa berriarentzat.
PSAren eta FCAren akziodunen batzarrak gau bildu dira fusioari azken oniritzia emateko, eta hala egin dute, ia aho batez. Tramiteak amaitu ondoren, Stellantis urtarrilaren 16an jaioko da.
Salmenta aldetik, Europako auto konpainia handienetan bigarrena izango da eta munduko laugarrena —VW taldea, Toyota eta Renault-Nissan-Mitsubishi batasuna izango ditu aurretik—. Europan eta Ipar eta Hego Amerikan indar handia izango du, baina pisu txikiagoa du gehien hazten ari den merkatuan, Asiakoan.
Stellantisek 400.000 langile inguru izango ditu, eta hamalau marka, haien artean Peugeot, Citroen, Opel, Fiat, Jeep, Chrysler, Dodge, Alfa Romeo eta Maserati.
Bruselaren baldintzak
PSAko oraingo buru Carlos Tavares izango da konpainia berriko kontseilari ordezkaria; presidentea, berriz, John Elkann, FCAko oraingo lehendakaria. Elkann Fiat familiakoa da, eta hura izango da Stellantisen akziodunen artean handiena. 2019ko urrian iragarri zuten bi autogileek bat egin nahi zutela, baina aurtengo abendura arte ez die baimena eman Europako Batzordeak. Stellantisek furgoneta txikien alorrean oso merkatu kuota handia duela (%34) onartu du Bruselak, baina ontzat hartu ditu konpainiaren konponbideak: jarraitu egingo du Toyota markako furgoneta txikiak ekoizten, eta ez dizkie trabak jarriko beste marketako furgonetei bere tailerretan.
Toyota eta PSA bazkide izan dira azken urteetan furgoneten alorrean, baina baita auto txikien ekoizpenean ere. Haien modelo txikienak —Peugeot 108, Citroen C1 eta Toyota Aygo—. Txekiar Errepublikako Kolin hirian egin izan dituzte 2002. urtetik. Fabrika hori erabat Toyotaren esku geratu da urtea hastearekin batera.
|
2021-1-5
|
https://www.berria.eus/albisteak/191849/urtebetean-22517-langabe-gehiago.htm
|
Ekonomia
|
Urtebetean, 22.517 langabe gehiago
|
Abenduaren amaieran 168.877 lagun zeuden langabe gisa erregistratuta Hego Euskal Herrian, azaroan baino 2.086 gutxiago. Beste 8.000 lagun gehitu dira aldi baterako erregulazioetara.
|
Urtebetean, 22.517 langabe gehiago. Abenduaren amaieran 168.877 lagun zeuden langabe gisa erregistratuta Hego Euskal Herrian, azaroan baino 2.086 gutxiago. Beste 8.000 lagun gehitu dira aldi baterako erregulazioetara.
|
Abenduan jaitsi egin da langabezia Hego Euskal Herrian. SEPEren datuen arabera, 169.877 lagun daude langabeen zerrendan, azaroaren amaieran baino 2.086 gutxiago.
Konparaketa duela urtebetekoarekin eginez gero, ordea, langabezia asko hazi da, 2019 amaieran baino 22.517 langabe erregistratu gehiago zeudelako 2020. urtearen bukaeran.
Halaber handitu da ABEE aldi baterako enplegu erregulazioan daudenen kopurua. Abenduaren amaieran 49.659 ziren, hilabete lehenago baino ia 8.000 gehiago. Edonola ere, urteko azken asteetan, ostalaritza mugekin zabaldu ahala, berriro gutxitu dira aldi baterako enplegua galdu dutenen kopurua. Izan ere, abenduan, batez beste, 53.084 langile egon dira egoera horretan.
Gizarte Segurantzan kotizatzen dutenen kopuruetan ere ikusten da enplegu suntsiketa handia eragin duela koronabirusaren krisiak. Batez beste. abenduan 1.246.231 lagun zeuden enplegaturik, azaroan baino 1.356 gutxiago, eta 2019ko abenduan baino 24.212 gutxiago. Lehen aldia da kotizatzaileen kopurua jaitsi dela 2013. urteaz geroztik.
Kalte sakona
Abenduko enplegu datuei begira, euskal ekonomia aurreikusitakoa baino erresistentzia gaitasun «askoz handiagoa» erakusten ari dela uste du Eusko Jaurlaritzak. Hala ere, horrek ez du ezkutatzen pandemiak euskal lan merkatuari egin dion kaltearen «sakontasuna».
Elena Perez Barredo Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuordearen ustez, «beti da positiboa langabeziak behera egitea», baina egungo baldintzetan, barne produktu gordinean inoiz ezagututako erorketa handienarekin, langabeziaren murrizketa «are inportanteagoa da».
Lana galdu edo lanik topatu ez duten herritarrak gogoan, Perezek azaldu du Eusko Jaurlaritzak plan bat egin duela galdutako enplegua «lehenbailehen» berreskuratzeko, eta suspertze hori «kalitate irizpideekin» egin dadin. Sailburuordeak enpleguen sorkuntza «bizia» espero du 2021ean, «pandemiak ez badu hori eragozten». Ildo horretan, joan den azaroan langabeziaren jaitsieraren datua azken hamabost urteetako onena izan zen, eta abendukoa tarte horretako bigarren datu onena da.
Baina horrek ez du ezkutatzen zein sakonak izan den sektore batzuek jasandako kaltea, «batez ere ostalaritza sektoreak nozitutakoa». Kontratazio berrien kalitate «ahula» ere aipatu du Elena Perezek, emakumezkoen eta gazteen kasuak azpimarratuz.
Mari Carmen Maeztu Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialen kontseilariaren ustez, lan merkatuaren bilakaera «oso negatiboa» izan da lurraldean, COVID-19aren eraginez. Hori gehien nabaritu dute arlo ekonomiko jakin batzuek eta, bereziki, gazteek eta sektore «prekarizatuenek».
Hala ere, eta aurrera begira, uste du «baikor izateko arrazoiak» badaudela. Batetik, koronabirusarekin loturiko «ziurgabetasunak jarraitu arren», Maeztuk azpimarratu du aurreikuspen ekonomikoek «enpleguaren hazkundea» erakusten dutela. Uste du koronabirusari aurre egiteko txertaketa prozesua funtsezkoa izango dela horretan. Bestetik, Gizarte Segurantzako afiliazioetan «espero baino jaitsiera txikiagoa» gertatu izana ere lagungarri izango dela uste du. Iragarri du, halaber, datozen hilabeteetan enplegu plan berri bat aurkeztuko duela gobernuak, eta gaineratu du Europako funtsen inguruan ere «itxaropen handiak» dituela gobernuak.
Maeztuk azpimarratu du datorren urtean bere sailak «zeregin oso garrantzitsua» izango duela pandemiaren ondorioen aurkako borrokan, eta, aldi berean, enplegua berreskuratzeko lanetan.
|
Subsets and Splits
No community queries yet
The top public SQL queries from the community will appear here once available.