date
stringdate
2012-09-20 00:00:00
2023-12-01 00:00:00
url
stringlengths
47
182
category
stringclasses
10 values
title
stringlengths
3
140
subtitle
stringlengths
0
1.17k
summary
stringlengths
5
1.18k
text
stringlengths
2
35.8k
2020-12-12
https://www.berria.eus/albisteak/191059/beste-734-positibo-zenbatu-dituzte-hegoaldean.htm
Gizartea
Beste 734 positibo zenbatu dituzte Hegoaldean
Bezperan baino 31 gehiago dira. Positiboen ehunekoa %6,7koa da Hego Euskal Herrian.
Beste 734 positibo zenbatu dituzte Hegoaldean. Bezperan baino 31 gehiago dira. Positiboen ehunekoa %6,7koa da Hego Euskal Herrian.
Koska bat gora egin du Hego Euskal Herriko positiboen kopuruak azken orduetan: 734 zenbatu dituzte. Bezperako datuekin alderatuta, beraz, 31 kasu gehiago dira. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak gaur goizean jakinarazi dituzten datuen arabera, atzo 10.854 PCR eta antigeno proba egin ziren lau lurraldeetan, eta horietatik %6,7k eman zuten positibo. Aurreko egunean baino 1.711 test gutxiago egin ziren atzo, beraz, eta hala ere positibo gehiago atzeman ziren. Azken asteko positibo kopururik handiena izan da atzo erregistratutakoa. Lurraldeka, Bizkaian zenbatu dira kasu gehien: 295 positibo atzeman dituzte, bezperan baino 65 gehiago. Gipuzkoan, beste 209 kasu erregistratu dira, aurreko egunean baino 34 gutxiago. Araban, berriz, 129 dira zenbatutako positiboak, bezperan baino zazpi gehiago. Nafarroan, bestalde, beste 98 koronabirus kasu zenbatu dituzte, bezperan baino zortzi kasu gutxiago. Osakidetzak eta Osasunbideak jakinarazi dutenez, atzo beste 78 lagun ospitaleratu zituzten Hego Euskal Herriko erietxeetan koronabirusarekin, eta une honetan 134 lagun daude ZIUetan. Gainera, Osasunbideak jakinarazi du bi pertsona hil direla azken orduetan birusarekin: 71 eta 94 urteko bi gizonezko. Aurreko egunetan 86 urteko beste emakume bat ere zendu dela jakinarazi du Osasunbideak.
2020-12-12
https://www.berria.eus/albisteak/191060/ipar-euskal-herriko-etxebizitzen-arazoa-salatu-dute-angelun.htm
Gizartea
Ipar Euskal Herriko etxebizitzen arazoa salatu dute Angelun
EH Baik bultzata, Orpi higiezinen agentziaren bulego aurrean elkartu dira. Ipar Euskal Herriko etxeen %21 bigarren etxebizitzak direla nabarmendu dute.
Ipar Euskal Herriko etxebizitzen arazoa salatu dute Angelun. EH Baik bultzata, Orpi higiezinen agentziaren bulego aurrean elkartu dira. Ipar Euskal Herriko etxeen %21 bigarren etxebizitzak direla nabarmendu dute.
EH Baik deituta, elkarretaratze bat egin dute Orpi higiezinen agentziak Angelun (Lapurdi) duen bulegoaren aurrean, Etxebizitza eskubidea ez da salgai lelopean. Mugimenduaren esanetan, herritarrak «etxebizitzak saltzera gomitatzen» ari da enpresa, COVID-19ak eragindako osasun krisia baliatuta. Bulegoko arduraduna bertaratu denean, «Ipar Euskal Herriko etxebizitzaren problematikari buruzko» alderdiaren irakurketa egin diote. EH Baiko kideek adierazi dute etxebizitza horiek «hiri handitako gure lagunei» saltzeko asmoa duela enpresak, bigarren bizitetxe bezala erabiltzeko. Hala, Ipar Euskal Herriko etxeen %21 bigarren etxebizitzak direla nabarmendu dute. Horren aurrean, etxebizitza eskubidearen defentsa egin dute bertaratutakoek: «Etxebizitza eskubidea ez da bigarren mailakoa». Higiezinen agentziak egungo egoerari aurre egiteko parte hartu behar dutela ere azpimarratu dute, «arazoaren parte» direlako.
2020-12-12
https://www.berria.eus/albisteak/191061/donostiako-metroko-sarrerak-zigilatu-ditu-ehunek.htm
Gizartea
Donostiako metroko sarrerak zigilatu ditu Ehunek
Hormigoiaren mafia ala euskal errepublika lelopean, obrak gelditzeko beharra nabarmendu du plataformak.
Donostiako metroko sarrerak zigilatu ditu Ehunek. Hormigoiaren mafia ala euskal errepublika lelopean, obrak gelditzeko beharra nabarmendu du plataformak.
Euskal errepublikaren aldeko Ehun mugimenduak Donostiako metroaren obretako sarbideak itxi ditu, pankarta batzuk jarrita. Hormigoiaren mafia ala euskal errepublika irakur zitekeen horietan. Horrela, adierazi dute lanok gelditu behar direla, obrak «adierazten duen guztia seinalatzearekin» eta «euskal errepublikaren beharra mahaigaineratzearekin» batera. «Metroaren zuloak, frankismotik datorren eta 78ko erregimenarekin jarraitu duen sare klientelar-mafiosoaren adierazlerik ilunenak dira. Sare klientelar honen xedea, baliabide publikoak esku pribatuetara pasatzea da. Horretarako, hamarkada luzeetan zehar, lotsarik gabe, benetako beharrei erantzuten ez dieten lan publikoak erabili dituzte», salatu du Ehunek. Mugimenduaren ustez, hori gertatu da «78ko erregimenak berak, legearen bitartez, ez bakarrik lapurreta hau baimendu, baita ere bultzatu egiten duelako». Ildo horretan, gaineratu dute ez dutela bizitzen jarraitu nahi «denon ongizateari beharrean, gutxi batzuen poltsikoari garrantzi gehiago ematen dion Estatu» batean: «Hamarkada luzeetako praktikak erakutsi digun moduan, Espainian ez dago guzti hau konpontzeko aukerarik. Mafiakrazia Espainiaren esentzia da. Horregatik, Ehunetik uste dugu, denona dena lapurtzen ez duen mafiarik gabe bizi eta publiko-komuna babestuko duen markoa euskal errepublikak bakarrik eman diezagukeela».
2020-12-12
https://www.berria.eus/albisteak/191062/lesakak-bat-egin-du-uemarekin.htm
Gizartea
Lesakak bat egin du Uemarekin
Urte amaierako Batzar Nagusia egin du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Nafarroako herrian bertan.
Lesakak bat egin du Uemarekin. Urte amaierako Batzar Nagusia egin du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Nafarroako herrian bertan.
Beste kide bat du gaurtik Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak: Lesaka (Nafarroa). Uemara batzeko eskaria egina zuen udalak urriaren 29ko osoko bilkuran, eta Uemaren Batzar Nagusian eman diote oniritzia. Uemako Zuzendaritza Batzordea eta mankomunitateko kide diren Nafarroako hamalau udaletako ordezkariak batu dira gaur Lesakan bertan, eta gainerako kideek online hartu dute parte batzarrean; ehun bat alkate eta zinegotzik. Ladis Satrustegi alkatearen hitzetan, «herri euskalduna» da Lesaka: «Naturaltasunez euskaraz solasten da hemen, baina hainbat faktorek eragin zuzena dute hizkuntzaren erabileran, eta hori ez da Lesakaren kontua soilik. Arnasgune guztietan ikusten da: hauskorrak gara». Horren aurrean, Uemaren «esperientzia» baliatu nahi dute, «herritarrak ahalduntzeko eta kontzientziatzeko. Nolabait, inertziatik kontzientziarako saltoa ematea garrantzitsua da, eta hori guztia lantzeko Uema bidelaguna da». Aurretik ere Uemako udalerria izan zen Lesaka, zehazki 2013. eta 2015. urteen artean, baina aurreko udalbatzak erabaki zuen mankomunitatetik ateratzea eta indarrean zegoen euskara plana bertan behera uztea. Duela bi legegintzaldi, EH Bildu agintean zegoela erabaki zuen udalak Ueman sartzea, eta haren eskutik euskara plana martxan jartzea. EAJ oposizioan zegoen, eta oso gogor kritikatu zuen erabaki hura, euskara lehenesteari «diskriminatzaile» iritzita. 2015ean, Geroa Bai udal gobernura iritsi zenean, Uematik ateratzea erabaki zuen, eta plana etetea. Azken hauteskundeetan EH Bildu itzuli da alkatetzara, eta berriz eskatu du Uemako kide izatea. Udalbatzako atzoko bozketan abstentziora jo zuen Geroa Baik. Lesakarren %79k dakite euskaraz, eta kalean %74koa da erabilera. 250.000 biztanletik gora Horrela, Uemako 88. udalerria bihurtu da Bortzirietako herria. Lesaka gehituta, gainera, Bortzirietako udal guztiak dira orain mankomunitateko kide. Uemako kide guztien artean 250.000 biztanle baino gehiago bizi diren eremu bat osatzen dute. Lesakaren eskaera onartzeaz gain, 2020an egindakoaren balantzea eta 2021erako egitasmo nagusiak ere onartu dituzte batzarkideek. 2020ko balantzeari dagokionez, udan Uemak, 61 udalek eta bost garapen agentziak elkarlanean abiarazitako Bertatik Bertara kanpaina nabarmendu dute, «landutako edukiarengatik eta izandako oihartzunagatik». 2021erako onartutako egitasmoetan, udalak eta udalerriak euskalduntzeko ohiko ekimenez eta zerbitzuez gain, hiru arlo nabarmendu dituzte. Batetik, haur eta gazteen hizkuntza ohituretan eragiteko egitasmoak: Hedatu hezkuntza proiektua, udalerri euskaldunetako gazteen topaketak edota herriz herri egiten diren kontzientziazio tailerrak. Bestetik, ikerketa arloa: kale erabilera neurketak, Iñaki Arregi ikerketa bekaren bigarren deialdia, edota haurren hizkuntza erabilerari buruzko ikerketa. Hirugarrenik, Uemak bertako kide diren udalei eskainiko dien itzulpen zerbitzua nabarmendu dute. Edozein herritarrek ofizialak diren bi hizkuntzetan arreta jasotzeko eskubidea bermatzeko laguntza izango da zerbitzu berria, betiere udal langileen lan hizkuntza euskara izan dadin bermatu ondoren.
2020-12-12
https://www.berria.eus/albisteak/191063/aht-eraikitzeko-dirua-gastu-sozialera-bideratzeko-eskatu-dute-irunean-eta-bilbon.htm
Gizartea
AHT eraikitzeko dirua gastu sozialera bideratzeko eskatu dute Iruñean eta Bilbon
Protesta egin dute Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren eta Espainiako Gobernuaren egoitzen aurrean, eta «arduraz jokatzeko» eskatu diete erakunde horiei.
AHT eraikitzeko dirua gastu sozialera bideratzeko eskatu dute Iruñean eta Bilbon. Protesta egin dute Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren eta Espainiako Gobernuaren egoitzen aurrean, eta «arduraz jokatzeko» eskatu diete erakunde horiei.
Elefante zuri handi bat buru zutela protesta egin dute AHTren kontrakoek gaur eguerdian. Orain Ardura plataforma azpiegitura hori sustatzen ari diren erakundeei zuzendu zaie: Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari eta Espainiako Gobernuari. «Erakundeek AHTan funts publikoak xahutzen jarraitzea iraingarria da», esan du Nerea Vianak Orain Arduraren izenean. «Arduragabekeria handi honen erdian gutxieneko zuhurtzia baino ez dugu eskatzen. Obra hori berehala geldiarazteko eskatzen dugu, eta funtsak sistema publikoa indartzera bideratzeko, bizi baldintza duinei euste aldera». Elefante zuririk ez leloarekin atera dira kalera AHTren kontrakoak. Mendebaldeko kulturan elefante zuriak onurak bainoago galerak ekartzen dituzten jabetzei egiten die erreferentzia, edo jabeari kalte eta besteri onura ekartzen dieten horiei. «AHT da Euskal Herriko elefante zuririk handiena. Antzinako Thailandiako elefante zuriek bezala, ustezko onuradunak hondamendira eramaten ditu eta etorkizuneko belaunaldiei betiko hipoteka eragiten diete», azaldu du Vianak. Bozeramaileak esan duenez, azpiegitura hori egiteak 12.000 milioi euroko kostua du, eta diru publikoarekin «eliteei soilik mesede egiten dien» proiektu bat ordaintzea «iraingarria» dela salatu du. «Denok dakigu azpiegitura honek ez duela inoiz funtzionatuko; eraikitzen jarraitzea dirua zakarrontzira botatzea da. AHTarekin jarraitzeak ez zuen inolako justifikaziorik inoiz, are gutxiago azken ehun urteetako krisirik handienaren erdian». Horregatik eskatu dute AHT eraikitzeko lanak gelditu eta diru hori gastu sozialera bideratzeko.
2020-12-13
https://www.berria.eus/albisteak/191064/gorenak-azken-atea-itxi-dio-trumpi.htm
Mundua
Gorenak azken atea itxi dio Trumpi
Uko egin dio Texasko fiskal nagusiak hauteskundeen emaitzen aurka jarritako salaketa onartzeari. Trumpek «iruzurra» salatu du, beste behin.
Gorenak azken atea itxi dio Trumpi. Uko egin dio Texasko fiskal nagusiak hauteskundeen emaitzen aurka jarritako salaketa onartzeari. Trumpek «iruzurra» salatu du, beste behin.
AEBetako Auzitegi Gorenak azken kolpea eman die Donald Trumpen asmoei. Uko egin dio azaroaren 3ko bozen zenbaketa baliogabetzearen alde jarritako salaketa aztertzeari. Texasko fiskal nagusi Ken Paxtonek egin zuen eskaera, AEBetako presidentearen babesarekin, eta hauteskundeen emaitza iraultzea zuen asmo. Gorenaren esanetan, Paxtonek ez du «judizialki atzeman daitekeen» akatsik frogatu «beste estatu batzuek bozak egin zituzten moduaren inguruan». Horrez gain, gainerako mozioak «hutsaltzat» jo ditu auzitegiak, eta, ondorioz, baztertu. Auzitegi Goreneko sala bederatzi epailek osatzen dute: sei kontserbadore eta hiru progresista. Gainera, horietatik hiru — Neil Gorsuch, Brett Kavanaugh eta Amy Coney Barrett— Trumpek berak babestuak izan dira kargua eskuratzeko. Hirurek bizkar eman diote, ordea. Presidentearen defentsan agertu diren bakarrak Samuel Alito eta Clarence Thomas epaileak —horiek ere kontserbadoreak— izan dira. Salaketa onartzearen aldekoak zirela adierazi dute horiek. Paxtonek Georgiako, Pennsylvaniako, Michigango eta Wisconsingo emaitzak bertan behera uzteko eskatu zuen, datorren astelehenean Hauteskunde Batzordeak Joe Biden hautagai demokrataren garaipena baieztatu aurretik. Fiskalaren esanetan, estatu horietako gobernadoreek COVID-19ak eragindako pandemia baliatu zuten hauteskunde legedia aldatzeko «aitzakia» gisa, posta bidezko boto kopuru handiago bat onartzeko. Lau estatu horietako emaitzek 62 konpromisario eman zizkioten Bidenen hautagaitzari. Hala, demokratak 306 eskuratu zituen; eta Trumpek, berriz, 232. Etxe Zurira iristeko 270 behar direla kontuan izanik, Paxtonek argudiatu zuen balizko iruzur bat topatzeak emaitza iraul zezakeela. Trumpek bere porrota onartu gabe jarraitzen du. Auzitegi Gorenaren ebazpena argitaratu aurretik, presidenteak adierazi zuen Gorenak «jakituria eta ausardia» erakusten bazuen, «AEBetako herriak historiako kasurik garrantzitsuena irabaziko» zuela. Hau da, haren alde egingo zuela. Auzitegia mintzatu ostean, ez du hitz egiteko modua aldatu, eta Twitter bidez berretsi du bera dela bozen garailea: «Aise irabazi nituen hauteskundeak, baina gogoratu, legezko botoez bakarrik ari naiz». Hala, «iruzurra» egin zela azpimarratu du berriz ere, «denean mirariz agertu ziren» botoen bidez.
2020-12-12
https://www.berria.eus/albisteak/191065/kazetari-bat-hil-du-teheranek-2017ko-protestak-sustatzea-egotzita.htm
Mundua
Kazetari bat hil du Teheranek, 2017ko protestak sustatzea egotzita
Larunbat goizean urkatu dute Ruhollah Zam kazetaria. Besteak beste, AEBetako Gobernuarentzat lan egitea leporatzen zioten.
Kazetari bat hil du Teheranek, 2017ko protestak sustatzea egotzita. Larunbat goizean urkatu dute Ruhollah Zam kazetaria. Besteak beste, AEBetako Gobernuarentzat lan egitea leporatzen zioten.
Goizean hil dute Ruhollah Zam kazetaria, urkatuta. Zamek denbora luzea egin zuen erbestean, 2019an atxilo hartu zuten arte. 2017ko protestak bultzatzea egozten zioten, baita AEBetako Gobernuarentzat lan egin izana ere. Irango Auzitegi Gorenak duela lau egun berretsi zuen bere aurkako heriotza zigorra. 2009ko Mugimendu Berdearen manifestazioen ostean, Iranen inoiz ikusitako handienak izan ziren 2017ko protestak. Zamek Telegram aplikazioan zabaldutako kanalak eta haren webguneak manifestazioak antolatzeko eta jendea mobilizatzeko balio izan zuten. Epaiaren arabera, «Amad Newsen Telegram kanala bultzatuz, iraniarren bizitza eta segurtasunaren aurkako ekintza kriminalak eta ustelak» egin zituen akusatuak. Aldiz, Mugarik Gabeko Kazetariak gobernuz kanpoko erakundeak bidegabekotzat jo du Zamen aurkako epaia. Elikagaien garestitzeak eragin zituen 2017ko lehen protestak. Zenbait iturriren arabera, Hassan Rohani presidentearen aurkariek bultzatu zituzten hasieran horiek, baina egunak igaro ahala manifestazioak handituz eta zabaldu joan ziren, agintean zen elite guztiaren aurka egiteraino. Azkenean, Telegramek arduradunek Amad News atariaren kanala itxi zuten, Irango Gobernuak «matxinada armatua» bultzatzea leporatu ondoren. Zamek berak ihes egin zuen Irandik protestak bultzatzeaz akusatua izan ostean, eta ukatu egin zuen Telegram bidez indarkeria sustatu izana.
2020-12-12
https://www.berria.eus/albisteak/191066/azken-mendean-exekuzio-federal-gehien-egin-dituen-administrazioa-izan-da-trumpena.htm
Mundua
Azken mendean exekuzio federal gehien egin dituen administrazioa izan da Trumpena
Hamasei urteko etenaldiaren ostean, uztailean hasi zituzten exekuzio federalak. Alfred Burgeois izan da hil duten azken presoa. Bi urteko alaba hiltzeaz zegoen akusatua.
Azken mendean exekuzio federal gehien egin dituen administrazioa izan da Trumpena. Hamasei urteko etenaldiaren ostean, uztailean hasi zituzten exekuzio federalak. Alfred Burgeois izan da hil duten azken presoa. Bi urteko alaba hiltzeaz zegoen akusatua.
Alfred Burgeois ostiralean hil zuten, Indianako Terre Haute espetxean. 56 urteko afro-amerikarra bi urteko alaba hiltzeaz zegoen akusatua. Urtearen bigarren erdian auzitegi federal baten aginduz hil duten hamargarren presoa izan da, eta beste hiru hilko dituzte hemendik urtarrilaren 20ra bitartean –orduan utziko du kargua Donald Trump presidenteak–. 2003tik ez da exekuzio federalik egin AEBetan, baina uztailean berriz abiatu zituzten horiek, William Barr fiskal nagusiaren aginduz. Haren esanetan, Kongresuak onartutako zigorra dira exekuzioak, «ahulenen aurkako erasoen kasuan». Dena den, tarte honetan presoak hiltzen jarraitu dute heriotza zigorra indarrean den 29 estatutan. Aurten zazpi preso hil dituzte horietan. Barren esanetan, Justizia Departamentua «legea betetzen» besterik ez da ari. Baina heriotza zigorraren aurkariek nabarmendu dute azken bost exekuzioak Trumpek bozak galdu eta Joe Biden presidente hautatuak kargua hartu baino bi hilabete lehenago soilik egingo dituztela, jakinik Biden heriotza zigorrarekiko kritiko agertu dela. Herritarren artean ere gero eta gutxiago dira zigor mota horren alde daudenak, nahiz eta oraindik gehiengoa izan –%60 Gallup etxearen azken galdeketaren arabera–. Horren ondorio zuzenetako bat izan da aurten Colorado estatuan indargabetu egin dutela heriotza zigorra. Dagoeneko 22 dira urrats hori egin duten estatuak. Bidenek berak iragarri du heriotza zigorra indargabetuko duela maila federalean, eta gauza bera egitera bultzatuko dituela estatuak ere.
2020-12-20
https://www.berria.eus/albisteak/191067/2020ko-liburu-eta-disko-berrien-erakusleihoa-sortu-du-berriak.htm
Kultura
2020ko liburu eta disko berrien erakusleihoa sortu du BERRIAk
2020an euskaraz argitaratutako liburu eta diskoen bilduma osatu du BERRIAk, urteko uztari ikusgaitasuna emateko.
2020ko liburu eta disko berrien erakusleihoa sortu du BERRIAk. 2020an euskaraz argitaratutako liburu eta diskoen bilduma osatu du BERRIAk, urteko uztari ikusgaitasuna emateko.
Urteko liburu eta disko berriak izenburuko webgune berezi bat eskura du irakurleak, aurten plazaratutako liburu eta diskoen berri jakin ahal izateko. Bilduma Durango Azokari esker osatu ahal izan da, haren katalogoaren datu basea baliatuta. Aurten koronabirusaren izurria ondorio kaltegarri nabarmenak izaten ari da euskal kulturgintzan; horregatik, eremu digitalean ahalegin bereziak egiten ari dira sortzaileen lanak ezagutarazteko eta hartzailearengana iristeko. Durangoko Azokaren denda digitala eta kultur ekitaldien zuzeneko emankizunak ahalegin horren adibideak dira. Durangoko Azokako kultur emanaldiak BERRIAren webguneak ere eskaini ditu, streaming bidez, liburu aurkezpen, solasaldi eta kontzertuei eremu digitalean ikusgaitasuna emateko saioarekin bat eginda. Orain, urteko liburu eta diskoen erakusleihoaren bidez, 2020ko uzta arakatzeko aukera eman nahi dio BERRIAk irakurleari. Bilduma generoaren arabera edo bilatzailearen bidez araka daiteke, eta liburu edo disko bakoitzaren informazio zehatza begiratu daiteke. Guztira, 500 liburu eta 100 disko inguru kontsultatu daitezke.
2020-12-12
https://www.berria.eus/albisteak/191068/bazterrekoak-erdigunean-jarri-dituzte-emakume-abertzaleen-viii-topaketa-feministetan.htm
Gizartea
Bazterrekoak erdigunean jarri dituzte Emakume Abertzaleen VIII. Topaketa Feministetan
Iratxe Retolazak, Pastora Filigranak, Ana Murciak eta Amaia Zufiak mahai ingurua egin dute Emakume Abertzaleen VIII. Topaketa Feministetan. Ia 600 lagunek hartu dute parte.
Bazterrekoak erdigunean jarri dituzte Emakume Abertzaleen VIII. Topaketa Feministetan. Iratxe Retolazak, Pastora Filigranak, Ana Murciak eta Amaia Zufiak mahai ingurua egin dute Emakume Abertzaleen VIII. Topaketa Feministetan. Ia 600 lagunek hartu dute parte.
Emakume Abertzaleen VIII. Topaketa Feministak egin zituzte, Bilbon,Durangon (Bizkaia), Donostian, Errenterian (Gipuzkoa), Antsoainen, Elizondon (Nafarroa) eta Gasteizen. Topaketak etxetik jarraitzeko aukera ere egon da, eta ia 600 emakume bildu ziren guztira. Donostian egin dute mahai inguru nagusian, Lurralde askean bizitza askeak leloarekin, harreman kolonialei hausnartzen aritu dira Iratxe Retolaza , Pastora Filigrana, Ana Murcia eta Amaia Zufia, eta Udane Migeltorenak gidatu zuen saioa. Feminismoaz aritu dira, baina baita, euskalgintzaz, antiarrazakeriaz eta klase borrokaz ere. Orain arte egindakoa mahai gainean jarri, eta etorkizuneko erronkak zehaztu dituzte. Retolaza iraganera begira jarriz hasi da, genero ikuspegitik abertzaletasunaren genealogia aztertuz, XIX. mendearen hasieratik. Emakume Abertzaleen Batzan jarri du begirada. Retolazak nabarmendu duenez, amatasunari egin zion hark gorazarre hiru norabidetan. Esaterako, testuinguru hartan, arrazaren iraupena emakumeen ardura zen, eta «arraza garbiaren» biziraupenerako diskurtso batzuk sortu zituzten. «Ikuspegi ideologista eta arrazista hori gaindituta dago, arrazaren bueltan sortzen den abertzaletasunik modu esplizituan ez dago, baina iruditzen zait, halere, ikuspegiaren oihartzun batzuk baditugula kasu batzuetan, ez diskurtso egituratuetan, baina bai mundu sinbolikoaren eremu batzuetan», ohartarazi du. Aliantzen beharra Aliantzak eta sareak iruteko beharra azpimarratu dute hizlariek. «Mundu guztiaren lan indarrak eta bizitzak ez du berdin balio», adierazi du Filigranak. Azaldu duenez, emakume izateak merkatu egiten du biziaren prezioa, arrazalizatua den gorputz bat izateak lan indarra merkatzen duen bezala. Zehazki, herri ijitoak jasaten duen eta jasan izan duen jazarpenaz aritu da Filigrana. Ohartarazi du ezin dela alderatu herri ijitoaren «zati handi batek» bizi duen bazterketa eta prekarietatea Euskal Herrian bizi denarekin, baina «etsai komuna» zein den identifikatu du: estatu espainiarra. «Munstroaren gorputza berdina da, eta horrek gutxienez elkarrizketa komun bat edukiarazi behar digu». Murciak ere emakume arrazializatuekin aliantzak egiteko beharra azpimarratu du, baita haien artean sareak jostekoa ere: «Niretzat lorpen handia da espazio batean proiektu komunitario oso interesgarri bat egotea, eta bertan beltzak, indigenak, mestizoak eta emakume arabiarrak egotea». Euskarari buruz ere aritu dira hizlariak. Murciak, esaterako, alor horretan emakume migratuekin egiteko dagoen lana azaleratu du. Zufiak, nabarmendu du feminismoaren lan lerroetako bat dela euskararena, euskara «erdigunean» jartzea, baina badagoela zeregina: «Euskara erdigunean jartzeko, akordio berritu bat indartu behar genuke feminismotik ere. Askotan, kostatu zaigu gure kideei ulertaraztea euskara ere badela munstro kolonial kapitalista horren aurrean, erresistentzia praktika bat». Zufiak azpimarratu du helburua argia dela: «Euskal Herrian sustraitutako mugimendu feminista, antiarrazista eta euskaldun bat artikulatzea; mugimendu askotarikoa, deszentralizatutakoa izango dena; adostasunetatik, baina desadostasunetatik ere eraikitzen dakiena; eta gauza batzuetan batasuna, intzidentzia eta mintzakidetza lortuko duena». Haren irudiko, bazterretik zentroa interpelatzen ari dira, euskaldunak, gazteak, pentsiodunak eta migratuak, baina ez dute hainbeste zehazten zentro horretan nor geratzen ari den, eta nork hartuko duen horren ardura. «Askotan, askapen prozesuak ulertzen ditugu menderakuntzetatik askatzeko prozesu gisa, baina ez hainbeste boterearen galera bat eskatzen digun prozesu gisa». Zufiak, berriz, borrokak ez mailakatzearen alde egin du: «Gaur irudikatu moduan, euskalgintza, antiarrazakeria, klase borroka eta feminismoa batera doaz».
2020-12-12
https://www.berria.eus/albisteak/191069/gehiago-merezi-izan-du.htm
Kirola
Gehiago merezi izan du
Athletic Valentzia baino hobea izan da Mestallan baina ordaindu egin ditu jokalarien banakako akatsak
Gehiago merezi izan du. Athletic Valentzia baino hobea izan da Mestallan baina ordaindu egin ditu jokalarien banakako akatsak
Sadar, Mendizorrotza Zorrilla, Mestalla... Athleticek puntu asko utzi ditu ihes egiten denboraldi honetan. Aipatu zelaietan jokatutako partida guztiek ezaugarri amankomun bat izan dute: jokalarien banakako akats larriak. Lehen Mailan parekotasun handia dago. Detaile txikietan erabakitzen dira neurketa gehienak. Eta, hortaz, ezinbestekoa da oparirik ez egitea. Gorengo mailan inork ez du barkatzen. Valentziaren kontra Dani Garcia eta Unai Simon izan dira protagonistak. Euskarriak penalti inozoa egin du lehen zatian. Ez da lehen aldia. Area barruan eta zelai erdian ezin dela berdin jokatu jakin beharko luke dagoeneko. Atezainak, berriz, bigarren golean egin du kale. Txarto neurtu du bere irteera. Hala ere, ez da izan Valentziaren berdinketan kale egin zuen bakarra. Manu Vallejo, gola sartu duen jokalaria, bakarrik baitzegoen area txikian geldikako jokaldi batean. Valentzia eta Athletic puntu banarekin itzuli dira etxera. Baina zelaian ikusitakoa aintzat hartuta, etxeko taldeak puntu bat irabazi du, eta Athleticek bi gehiago eskuratzeko aukera ezinhobea galdu du. Zuri-gorriak aurkaria baino gehiago izan direlako arlo gehienetan. Taldeak indartsu ekin dio lehiari. Hegalak baliatuz erraz iristen zen Domenechen ate ingurura. Baina beste askotan gertatu den legez, Capak edota Berenguerrek egindako erdiraketa onek ez dute errematzailerik aurkitu. Neurketak aurrera egin ahala Valentziak aurrera egitea erabaki du. Lehia parekatu egin da, baina Unai Simoni ez zaio lana pilatu. Hala ere, Valentziak ez du asko behar izan markagailuan aurreratzeko. Atera jaurti duen lehen aldia baliatu du gola sartzeko. Racic-ek area ertzetik egindako jaurtiketak zutoina jo du, eta aldaratzea Maxi Gomezen oinetara iritsi da. Aurrelariak izkin egin dio Dani Garciari eta bere jaurtiketaren aldaratzeahartu ondoren Garcia berak bota du lurrera. Solerrek ez du huts egin. Athletici kosta egin zaio hartutako kolpetik altxatzea. Atsedenaldi ostera arte ez du lortu. Garitanok Unai Lopez zelairatu du, eta Athleticek baloia azkar mugitzen hasi zda atzean sartuta zegoen aurkariaren aurrean. Hamar minutu behar izan ditu ereindakoa jasotzeko. Yurik ezker hegaletik egindako erdiraketa Villaibrek errematatu du atea aurrean. Bana. Baina lehoiak ez dira berdinketaren konformatu. Erasoan jarraitu dute. Eskuin zein ezker hegaletik hamar korner atera ditu. Partida zein areatan jokatzen ari zen erakusten duen estatistika da. Baina, era berean, Athletic ez da kapaz izan erremate argi bakar bat egiteko. Muniainek, banakako jokaldi batean, penaltia behartu duen arte. Zelaiaratu berria zein Raul Garcia izan da goleatzailea. Athleticek egina zuen zailena. Baina laurogei minutuko ahalegina jokaldi batean zapuztu da: Yerayk beharrezkoa ez zen falta egin du; Simonek irteera ustela egin du, eta zaintzarik gabe zegoen Vallejok berdintzea lortu du area txikitik. Eta, gainera, azken minutuetan lehia galtzeko arriskua egon da.
2020-12-12
https://www.berria.eus/albisteak/191070/ezinean-azkenaren-kontra.htm
Kirola
Ezinean azkenaren kontra
Alavesek merezita galdu du Huescaren zelaian, eta hala, ezerezean gelditu zaio azkenaldiko bolada ona. Ontiverosek bigarren zatian egindako golak erabaki du neurketa.
Ezinean azkenaren kontra. Alavesek merezita galdu du Huescaren zelaian, eta hala, ezerezean gelditu zaio azkenaldiko bolada ona. Ontiverosek bigarren zatian egindako golak erabaki du neurketa.
Alaves erori egin da olatutik. Sei jardunaldi zeramatzan galdu gabe, baina gaur ezin izan du punturik urratu sailkapeneko azkenaren zelaian. Garaipenik oraindik ez zuen Huescak; gaur lortu zuen lehena, itxura oso uzkurra eman duten arabarren bizkar. Alavesek ez zuen ezer jakin nahi baloiaren jabetzaz; atzean gotortzea eta baloiak lapurtu ostean bizi irtetea izan da Machinen taldearen estrategia. Hala, hasieratik Huescaren esku utzi du jokoaren ekimena, eta lehen zatian, eroso egon da defentsan. Ontiverosek area ertzetik eginiko jaurtiketa neurtua izan da Huescaren aukerarik onena, 23. minutuan. Apur bat lehenago, Pulido korner bat ateko zuloan errematatzear izan da. Alavesek are gutxiago sortu du erasoan. Hiru hiruren kontrako eraso bat izan du zelai-erdian baloia lapurtuta, baina Joselu ez da iritsi Lucasen erdiraketara. Atsedenaren ostean, lerroak aurreratu egin dituzte kanpokoek, presioa gorago egin eta baloia aurkariaren areatik gertu berreskuratzeko. Ez dute halakorik lortu, eta gainera, Huesca min egiten hasi zaie. 48. minutuan, baliorik gabeko gola sartu du Okazakik; jokoz kanpo zegoela bistaratu du VARak. Balekoa izan da, aldiz, 66. minutuan Ontiverosek sartu duena, ezkerretik barrurantz egin, eta baloiari gurpil dotorea emanda. Aldaketak agortu ditu Machinek, markagailua berdintzeko asmoz, baina gasteiztarrek ez dute erreakziorako gaitasunik izan.
2020-12-13
https://www.berria.eus/albisteak/191109/557-kasu-gehiago-hego-euskal-herrian.htm
Gizartea
557 kasu gehiago Hego Euskal Herrian
9.473 proba egin dituzte, eta positibotasun tasa %5,8koa izan da.
557 kasu gehiago Hego Euskal Herrian. 9.473 proba egin dituzte, eta positibotasun tasa %5,8koa izan da.
Asteburuarekin batera, behera egin du Hego Euskal Herrian atzemandako COVID-19 kasu berri kopuruak. Osasunbideak eta Osakidetzak argitaratutako datuen arabera, 557 kasu baieztatu dituzte azken orduetan, bezperan baino 177 gutxiago. Denera, 9.473 PCR eta antigeno proba egin dituzte. Hartara, positibotasun tasa %5,8koa izan da. Nafarroan 93 kasu detektatu dituzte, bezperan baino bost gutxiago. Hala, lurralde hartan %5,2koa izan da positibotasun tasa. OME Osasunaren Mundu Erakundeak jarritako %5eko gehienezko tasatik gora, beraz. Are handiagoa da tasa hori Araba, Bizkai eta Gipuzkoan: %6koa. Araban, 96 kasu baieztatu dituzte (33 gutxiago); Bizkaian, 216 (79 gutxiago); eta Gipuzkoan, 149 (60 gutxiago). Osakidetzaren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erietxeetan beste 32 lagun ospitaleratu dituzte, COVID-19aren eraginez. Lurralde horietan, 116 lagun daude ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan, atzo baino lau gehiago.
2020-12-13
https://www.berria.eus/albisteak/191110/iker-vicentek-irabazi-du-lehen-sherpa-ai-txapelketa.htm
Kirola
Iker Vicentek irabazi du lehen Sherpa Ai txapelketa
Larrañagak amaitu du bigarren, eta Otaño hirugarren.
Iker Vicentek irabazi du lehen Sherpa Ai txapelketa. Larrañagak amaitu du bigarren, eta Otaño hirugarren.
Gaur eguerdian jokatu dute Sherpa Ai Aizkolari Txapelketa Nagusiko lehen finala, Bilbo Arenan. Iker Vicente, Mikel Larrañaga, Julen Alberdi Txikia IV.a, Aitzol Atutxa Atutxa II.a, Jon Irazu eta Eneko Otaño aritu dira nor baino nor gehiago. Vicente zen faborito, iazko Euskal Herriko txapelduna zenez gero, eta guztiz bete ditu pronostikoak. Launa kana-erdiko (54 ontzako enborra), 60 ontzako eta oinbiko (72 ontzakoa) ebaki behar izan dituzte. Lan erdietara iristerako, agerian geratu da txapelketa Vicenteren eta Larrañagaren arteko lehiatik aterako zela, lehenak segundo gutxiko aldea izanik. Atzetik, Otaño hirugarren postuan, eta Irazu eta Txikia IV.a laugarren lekuagatik borrokan. Atutxa II.a, berriz, urrun. Hala, lehia ez da hautsi bedertzigarren egurrera iritsi arte. Larrañagak ordurako ordaindu du eginiko ahalegina, eta Iker Vicentek tarte erabakigarria ireki du. Aldea mantendu bakarrik ez: areagotu ere egin du azken hiru egurretan. Denera, 38:48 minutuan egin ditu lanak. Larrañagak handik 1:15 minutura amaitu du, bigarren; Otaño izan da hirugarren. Promozio mailan, Julen Larrea Larrea III.a izan da onena.
2020-12-13
https://www.berria.eus/albisteak/191111/eibarrek-eta-athleticek-galdu-egin-dute.htm
Kirola
Eibarrek eta Athleticek galdu egin dute
Athleticek 1-0 galdu du Huelvan, eta Eibarrek 3-0 Rayo Vallecanoren aurka.
Eibarrek eta Athleticek galdu egin dute. Athleticek 1-0 galdu du Huelvan, eta Eibarrek 3-0 Rayo Vallecanoren aurka.
Euskal taldeek ez dute egun ona izan. Rayo Vallecano gainetik pasatu zaio Eibarri, eta ez dio aukerarik eman Gipuzkoako taldeari: 3-0. Krudelagoa izan da Athletici gertatu zaiona. Ate aurrean asmatu ez, eta partidaren hondarrean Huelva sartu du gola: 1-0. Partida hasi bezain laster zaildu dira gauzak Eibarrentzat, seigarren minutuan aurreratu baita Rayo Vallecano, Camilaren golari esker. Beste hamar minutu igaro, eta penaltia. Ana de Teresak jaurti, eta 2-0 etxeko taldearentzat. Eibarrek horren ostean egin ditu partidako minutu onenak, baina ez da gai izan sortutako arriskua gol bilakatzeko. Bigarren zatia hasi eta berehala iritsi da Rayoren hirugarren gola. Berriz ere Ana de Teresa. Athleticek ez du zorte hobea izan Huelvan. Zuri-gorriek aukera ugari izan dituzte markagailuan aurretik jartzeko, baina ate aurrean ez dute asmatu. Hala, partida hutsean amaituko zela zirudiela, Ana Carolek Amaia gainditu du 91. minutuan, eta etxeko taldearentzat izan dira hiru puntuak.
2020-12-14
https://www.berria.eus/albisteak/191112/merezitako-puntua.htm
Kirola
Merezitako puntua
Eibarrek ez dio neurketa kontrolatzen utzi Realari, eta irabazteko aukerak izan dituzte bi taldeek. Alguacilek aldaketa asko egin ditu hamaikakoan, eta Barrenetxea eta Enrich izan dira goleatzaileak.
Merezitako puntua. Eibarrek ez dio neurketa kontrolatzen utzi Realari, eta irabazteko aukerak izan dituzte bi taldeek. Alguacilek aldaketa asko egin ditu hamaikakoan, eta Barrenetxea eta Enrich izan dira goleatzaileak.
Zelaian ikusi zena ikusita, Realak eta Eibarrek ontzat jo dezakete atzo eskuratu zuten puntua. Puntu horri esker, Espainiako Ligako lidergoa berreskuratu dute donostiarrek —Atletico Madrilek galdu egin zuen—, eta armaginek etxetik kanpo talde fidagarria direla erakusten jarraitzen dute. Sailkapenean hamargarren dira, hamabost punturekin. Joan-etorriko neurketa izan zen gipuzkoarren arteko derbia. Imanol Alguacil Realeko entrenatzaileak aldaketa asko egin zituen bere ohiko hamaikakoan, eta hori igarri egin zen taldearen jokoan. Baloiaren jabetza izatera eta neurketa menderatzera ohitu dituzte donostiarrek zaleak, baina atzo ez zen horrelakorik ikusi Anoetan; Eibarren presioak baloia nahi bezala jokatzea galarazi zion Realari. Dena den, donostiarrenak izan ziren lehen zatiko gol aukera onenak. Lehenik, zelai erdian berreskuratu zuen baloi bat erdiratu zuen Merquelanzek, baina ate aurrean, bakarrik, nahastu egin zen Isak, eta ez zuen baloia errematatu ere egin. Huts ulergaitza egin zuen aurrelari suediarrak. Azkenaldian gol aukera asko huts egiten ari dira donostiarrak, eta atzo ere mamu horiek azaldu ziren Barrenetxeak uxatu zituen arte. Aldaratze batean, area kanpotik, gol bikaina eskuratu zuen 18 urte eskas dituen aurrelariak. Bikain jo zuen baloia, eta ezin izan zuen ezer egin Dmitrovicek; hiru neurketa zeramatzan Eibarrek golik jaso gabe. Jarraian, partidako minuturik txarrenak jokatu zituen Mendilibarren taldeak, eta aldea handitzeko abaguneak izan zituen Realak: lehenik Roberto Lopezek, eta gero, berriz, Barrenetxeak. Beste behin, Dmitrovicek salbatu zuen Eibar. Joera aldaketa Bigarren zatian bestelakoa izan zen lehia. Takashi Inui sartu zuen zelaian Mendilibarrek, eta alboetatik min egin zieten armaginek txuri-urdinei. Eskuinetik Inui, ezkerretik Bryan Gil, eta haien erdiraketak errematatzeko Kike Garcia eta Sergi Enrich. Gil mugitu zen gehien, eta lortu zuen saria: Zalduari eta Le Normandi izkin egin zien, haren erdiraketa Inuik errematatu zuen, aldaratzea Enrichi iritsi zitzaion, eta aurrelariak ez zuen huts egin. Ia urtebete zeraman golik sartu gabe, baina atzo minutu onak egin zituen zelaian, eta gol garrantzitsua sartu zuen, gainera. Neurketa amaitu bitartean, bi taldeek izan zituzten aukera garbiak. Bat, Enrichek berak; buruz, kanpora bota zuen Inuiren erdiraketa bat. Realak, berriz, eskuratu zuen gola, baina epaileak balio gabe utzi zuen. Silvak ateratako falta bat Le Normandi iritsi zitzaion, hark Zubeldiari utzi zion, eta azkoitiarrak sarera bidali zuen baloia, baina jokoz kanpo zegoen. Bi taldeak ondo borrokatu ziren puntua eskuratzeko. Reala: Remiro; Zaldua, Le Normand, Sagnan (Zubeldia, 58'), Aihen; Gebara, Roberto Lopez (Silva, 69'), Merino (Zubimendi, 58'); Barrenetxea (Bautista, 63'), Merquelanz eta Isak (Portu, 63'). Eibar: Dmitrovic; Correa (Inui, 46'), Burgos, Bigas (Kevin, 41'), Arbilla; Pozo, Exposito, Diop (Sergio, 76'), Bryan Gil; Muto (Enrich, 46') eta Kike Garcia.
2020-12-14
https://www.berria.eus/albisteak/191113/ezkurdia-nagusitasunez.htm
Kirola
Ezkurdia, nagusitasunez
Lau eta erdiko egungo txapeldunak erakustaldia eman zuen, eta Jakaren aurka jokatuko du finalaurrekoa. Sakez min handia egin zion Artolari.
Ezkurdia, nagusitasunez. Lau eta erdiko egungo txapeldunak erakustaldia eman zuen, eta Jakaren aurka jokatuko du finalaurrekoa. Sakez min handia egin zion Artolari.
Lau eta erdiko txapelduna zergatik den erakutsi zuen atzo Joseba Ezkurdiak Eibarko Astelena pilotalekuan. Neurketara gogotsu heldu zen Artola, sasoi betean, eta, atzo ahaleginak egin zituen arren, ezin izan zion eutsi Arbizukoaren joari. Garaipenari esker, finalaurrekoa Erik Jakaren aurka jokatuko du Ezkurdiak, eta oraindik ez da finkatu noiz eta non izango den. Irabaziko balu, hirugarren finala izango luke jarraian. Beste finalaurrekoan, Jokin Altuna eta Oinatz Bengoetxea izango dira aurrez aurre. Atzoko neurketa izan zen baino gogorragoa izango zela zirudien hasieran. Asteon BERRIAn esan zuen Artolak gogo handiz zegoela Ezkurdiaren aurka lehiatzeko, eta hala erakutsi zuen. Norgehiagokak aurrera egin ahala, ordea, bere legea ezarri zuen faboritoak, Ezkurdiak. Seina berdindu ostean, sakez min handia egiten hasi zen Ezkurdia: bederatzi tanto egin zituen gisa horretara. Tantoz tanto, 15-0eko partziala egin zion nafarrak gipuzkoarrari. Bi tanto egitea lortu zuen Artolak, eta hala geratu zen markagailua: 22 eta 8.
2020-12-14
https://www.berria.eus/albisteak/191114/john-le-carre-hil-da-espioitza-nobelen-maisua.htm
Kultura
John Le Carre hil da, espioitza nobelen maisua
Suspensearen generoan izen handia izan da harena. Erresuma Batuko zerbitzu sekretuetan lan egin zuen iragan mendearen erdialdean, eta misteriozko trametan ardaztutako lan enblematiko asko idatzi ditu; euskarara ekarritako 'Hotzetatik etorri zen espia', besteak beste.
John Le Carre hil da, espioitza nobelen maisua. Suspensearen generoan izen handia izan da harena. Erresuma Batuko zerbitzu sekretuetan lan egin zuen iragan mendearen erdialdean, eta misteriozko trametan ardaztutako lan enblematiko asko idatzi ditu; euskarara ekarritako 'Hotzetatik etorri zen espia', besteak beste.
David John Moore Cornwell zen sortze izenez, baina John le Carre deitura moldatuarekin egin zen ezagun espioitza nobelen eremua bizkor bere egingo zuen idazlea. Genero beltzak arrakasta handia zuen garai batean agertu zen literatur munduan, 1960ko eta 1970eko urteetan, eta Gerra Hotzaren garaiko tentsioan girotu zituen estreinako obrak. Testuinguru globalari beti adi, hasi zenetik ez zion inoiz utzi idazteari, beti genero beltzaren barruko espioitzaren adarrean, eta bizi-bizirik zegoen klasikotzat eduki dute askok azkeneraino. Asteburuan hil da, pneumoniak jota, 89 urterekin. Eleberrietan agertzen zuen misterio aire antzeko batek ere bildu zuen haren bizitza maiz: 1931n jaio zen, Poolen, etxe giro bortitz batean; Bernako eta Oxfordeko unibertsitateetan ikasi zuen, eta, Etongo ikastetxe kontserbadore ingelesean irakasle lanetan zebilela, zerbitzu sekretuetan aritzeko gonbidapena jaso zuen. Burdinazko Errezelaren mendebaldeko aldera erakarritako espioiak atxiki eta hezten zituen Londresko bulego txiki batetik. Hor hasi zen, hain justu, espioien mundua paper gainean ere birsortzen. Lehen nobelarekin aurkeztu zion irakurleari bere pertsonaien artean ezagunena bihurtuko zen agentea, George Smiley. Call for the Dead (Heriotzari deia) zen nobela, 1961ean emana, eta han azaldu zen aurrenekoz Smiley, Karla deituriko agente sobietarraren etsai zuzena, azkarra, metodikoa, berezia janzkeraz eta berezia gorpuzkeraz. The Spy Who Came From the Cold (1963), Tinker Tailor Soldier Spy (1974), The Honourable Schoolboy (1977) eta Smiley's People (1979) izan ziren hastapenetan plazaratu zituen eleberri esanguratsuenetakoak, zeinetan espioi jokoak ordura arte inor gutxik bezala kontatu zituen. Gerra Hotzaren bukaerak, ordea, gaitegia zabaltzera eta gaurkotzera bultzatu zuen. Orduan hasi zen nazioarteko errealitatearen konplexutasuna erakusten duten auzi berriei ere leku egiten, izan terrorismo islamikoa, Sobietar Batasunaren desegiteak utzitako problematika, AEBen politika inperialistak, farmazia industrien trikimailuak... Asko ikertzen zuen idatzi aurretik, eta ez zion izkin egiten kritikoak hainbeste asaldatzen zituen jarrera moral bati. Hizkuntza askotara itzuli dira haren nobelak —euskarara Hotzetatik etorri zen espia ekarri zuen Koro Navarrok, 1989an—, eta baita zinemaratu ere. Hor dira, esaterako, The Looking Glass War (Frank Pierson, 1969), The Russia House (Fres Schepisi, 1990), The Tailor of Panama (John Boorman, 2001), The Constant Gardener (Fernando Meirelles, 2005) eta A Most Wanted Man (Anton Corbijin, 2014) filmak, besteak beste. Le Carre ez zen literatur sari eta aipamen berezien zalea, eta sarritan egin zien uko, baita izendapen hutsei ere. Hala ere, zenbait instituziok haren obra aitortuz segitu dute beti; 2011n Goethe Domina eman zioten, adibidez. Espioien generoa goi mailako literaturara eraman izana aitortu izan dio, halaber, letren munduak. "Philip Rothek sinatu izan balu, maisulantzat hartuko zuketen", idatzi zuen Belen Gopeguik, esaterako, 1983ko The Little Drummer Girl (Danborra jotzen zuen neska) gogoan. Boterearen mekanismoetan murgil egin, etikaren mugetara irten, hizkera zehatz eta jori bat landu, eta, tesi irmoetatik urrun, ikuspuntu ugariri leku egiten baitzion. Askoren ustetan, mundu inmoral batean moralak izaten segitzeko gizakiak egiten duen ahalegina izan da haren literaturako gai handia. Benetako enigma "Ez dut hantuste izan nahi, baina idazle batek enigma bakar bat dauka eta hori bere bizitza da. Nire aita kriminal bat zen, eta horrekin hazi nintzen. Eta, bai, zerbitzu sekretuetan egon nintzen. Inoiz ez nukeen sasoi hartakorik kontatuko; horregatik ez ditut nire memoriak idazten". Argentinako La Nación agerkarian esan zituen hitzok idazleak, baina, azkenean, idatzi eta argitara ere eman zituen memoriak. Bere nobelek milioika ale saldu eta arrakasta handituahala, esparru publikotik urrats bat atzera eginez joan zen idazlea azken hamarkadetan, irakurlearengan jakin-mina areagotuz. Horregatik sortu zuen halako interesa azkenean 2016an emandako memoria liburuak, The Pigeon Tunnel: Stories from My Life (Pigeon tunela: Nire bizitzako istorioak) izenpean. Ordurako jakina zen bere herrialdeko zerbitzu sekretuetan parte hartua zela, baina beti jokatu zuen ñabartzera horren inguruan askok eraiki zituzten usteak. Honela irakur zitekeen bere webgunean: «Garai batean, ondo zetorren ni idazle bilakatutako espioitzat jotzea. Baina ni ez nintzen horrelakoa, ezta antzekoa ere. Oso gaztetan Britainiar Inteligentzian denboraldi labur baina prestakuntzaren aldetik izugarri probetxugarria eman zuen idazle bat naiz». Haurtzarokoak eta batez ere aitari lotutako alderdi minberak ere kontatu zituen idazleak liburuan. Ronnie izeneko gizon bat zuen aita, hala semeaz nola emazteaz abusatu zuena eta hainbat bider espetxeratua izan zena. Idazlearen amak ihes egin zuen azkenean, hark 5 urte baino ez zituenean. "Ronniek jipoiren bat eman zidan, baina inoiz gutxi, eta konbikzio eskasarekin. Modua zen gehien izutzen ninduena, behera etortzeko haren modu hura, sorbaldak eta lekutik ateratako masailezurra prest uzteko modua", idatziko zuen. XX. mendearen bigarren erdialdeko geopolitikaren kronikatzat ere irakurri zuten askok liburua, garai hura definitu zuten askoren errepasoa egin baitzuen: Margaret Thatcher, Yasser Arafat, Richard Burton eta beste. Esan ohi zuenez, George W. Bushek abiatutako "horrorearen kontrako gerrak" erabat ikaratu zuen mende berriaren hasieran, ustezko arma kimikoen mehatxuaren aitzakian AEBek abiatutako politikek. "Hainbeste dira eta horren etengabeak zabaldu diren gezurrak, oraintxe begi bistan gelditu da fikzioa dela egia kontatzeko era bakarra". Azken urte luzeak Kornuallesko kostako etxera erretiratuta egin zituen Le Carrek, non idazten jarraitu zuen beti. 2017an Smiley agentea berreskuratu zuen A Legacy of Spies nobelan (Espioien legatua), eta iaz eman zuen azkena: Agent Running In The Field (Agentea larrean lasterka).
2020-12-14
https://www.berria.eus/albisteak/191115/donostiako-parte-zaharreko-gazte-asanbladak-manifestaziora-deitu-du-ertzaintzaren-indarkeria-salatzeko.htm
Gizartea
Donostiako Parte Zaharreko Gazte Asanbladak manifestaziora deitu du Ertzaintzaren indarkeria salatzeko
Istiluak izan ziren larunbat gauean Donostiako Parte Zaharrean. Gazte Asanbladaren arabera, «identifikatzeko arrazoirik gabe» saiatu ziren horretan ertzainak, eta, gazteen ezezkoaren ondoren, oldartu egin zitzaizkien. Prentsaurrekoa eman zuten atzo.
Donostiako Parte Zaharreko Gazte Asanbladak manifestaziora deitu du Ertzaintzaren indarkeria salatzeko. Istiluak izan ziren larunbat gauean Donostiako Parte Zaharrean. Gazte Asanbladaren arabera, «identifikatzeko arrazoirik gabe» saiatu ziren horretan ertzainak, eta, gazteen ezezkoaren ondoren, oldartu egin zitzaizkien. Prentsaurrekoa eman zuten atzo.
«Oso modu oldarkorrean eta mehatxuka, agindu ziguten identifikatu eta miatu egingo gintuztela Trinititate plazan ginen gazte guztiak, isuna jartzeko asmoarekin». Hala azaldu zuten Donostiako Parte Zaharreko Gazte Asanbladako kideek nola hasi ziren larunbat iluntzeko istiluak, atzo deitutako prentsaurrekoan. Polizia gogor oldartu zen larunbat gauean, eta hainbat gazte identifikatu zituen. Gazte Asanbladako kideek argi dute Ertzaintzak ez zuela jendea identifikatzeko arrazoirik: «Jarrera onartezin hori ikusita, plazatik irteten hasi ginen, eta orduan oldartu zitzaizkigun; jendearen atzetik korrika eta egurra banatzen hasi ziren». Ertzaintzaren arabera, jende pilaketak zeuden ordu hartan Parte Zaharrean —tabernak itxi ostean izan zen—, eta gazteak kale zurrutean ari ziren. Gazteek, ordea, ukatu egin dute hori: «Argi diogu: ez zegoen ez jende pilaketarik, ez kale zurrutik, eta ez genion inoiz eraso Poliziari». Trinitate plazan 40 gazte inguru zeuden. Istiluek Konstituzio plazan jarraitu zuten, eta ertzainek han identifikatu zituzten hainbat gazte; besteak beste, Poliziaren jarduna grabatzeagatik. Asanbladaren iritziz, «gazteen kriminalizazioaren beste adibide bat» da larunbatean jazotakoa, eta manipulazio mediatikoa egitea egotzi diete hainbat komunikabideri. Ertzaintza atzoko prentsaurrekora ere agertu zen, baina gazte bat identifikatu eta alde egin zuten. Gertatutakoa salatzeko, gaur manifestazioa egingo dute Donostian, 20:00etan, Konstituzio plazatik abiatuta. Auzoak defendatu, errepresioari ez! da deialdiaren leloa.
2020-12-14
https://www.berria.eus/albisteak/191116/espainiako-auzitegi-gorenak-auzia-ireki-du-manu-aierdi-kontseilariaren-aurka.htm
Ekonomia
Espainiako Auzitegi Gorenak auzia ireki du Manu Aierdi kontseilariaren aurka
Esparzak Aierdi kargutik kentzeko eskatu du. Gobernuak erantzun du Gorenak Aierdi ikertzea erabakiz gero kontseilari izateari utziko diola.
Espainiako Auzitegi Gorenak auzia ireki du Manu Aierdi kontseilariaren aurka. Esparzak Aierdi kargutik kentzeko eskatu du. Gobernuak erantzun du Gorenak Aierdi ikertzea erabakiz gero kontseilari izateari utziko diola.
Iragan legealdiaren hasieran, 2015eko udazkenean, Sodena Nafarroako arrisku kapitaleko sozietate publikoak milioi bat euroko mailegua eman zion Davalor enpresari. Enpresa larri zebilen, baina inbertitzaile bat bilatuz gero potentzialitate handia zuelakoan, beste 1,6 milioi euro eman zizkion maileguan 2017ra bitartean. Haatik, Davalorrek hartzekodunen konkurtsoan amaitu zuen azkenean. UPNk irregulartasunez aritzea egotzi zion orduko Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Garapen Ekonomikoko kontseilariari —departamendu horretako kontseilari da orain ere—. Salaketa auzitara eraman, eta Espainiako Auzitegi Gorenak auzibidea ireki du. Prebarikazioa egitea eta diru publikoa bidegabe erabiltzea egozten dio UPNk, eta Gorenak Andres Palomo del Arco magistratua izendatu du hori ikertzeko. Aierdik oraingoz ez du adierazpen publikorik egiteko asmorik. «Harridura handiz» hartu du albistea, eta komunikabideen bitartez izan du Gorenaren erabakiaren berri. Ez du bestelako jakinarazpen ofizilik jaso. Nafarroako Gobernuak, berriz, adierazi du egoera aztertzen ari direla. Goreneko bigarren salak deritzo UPNk ekainaren 2an aurkeztutako salaketaren behin-behineko lehen balorazioan egon daitezkeela salaketak aipatutako delituaren zantzu nagusiak. Aierdi, gobernuko kontseilari denez, foruduna da. UPNren kereilak dio Sodenaren barne kontroleko prozedurak errespetatu gabe baimendu zela 2015eko irailean Sodenari emandako lehen mailegua. Halaber, gaineratu dute Davalorrek aurkeztu gabe zituela bere kontuak, eta eguneratu gabe Gizarte Segurantzarekiko zorra, eta, hala ere, beste bost mailegu eman zitzaizkiola. Goizean, Navarra Sumako Javier Esparzak Aierdi kargutik kentzeko eskatu dio Maria Txibite gobernuko lehendakariari. 14/2004 foru legeko 68. artikuluaren arabera, auzitegi batek auto batean arduradun politiko bat ikertu gisa badauka eta Zigor Kodeko hainbat delituren zantzuak identikatzen baditu, politikari horren kargua ez da bateragarri emandako konfiantzarekin. «Ez da posible gobernuak onartutako lege bati izkin egitea». Esparzaren arabera, Txibiteren betebeharra da Aierdi kargutik kentzea. Nafarroako Gobernuaren oharra Foru lege horretako 68. artikulua zehatza den heinean, arratsaldean kaleratutako oharrean, gobernuak erantzun du Auzitegi Gorenak ikertu gisa hartuz gero, Aierdik kontseilari izateari utziko diola. Nafarroako Gobernuaren prentsa oharraren arabera, auzitegiak epaile instruktorea izendatu du eta auzia bere gain hartu du. Gobernuaren arabera, oraindik ez du kereila tramitera onartu, eta instruktoreak hartzen duen erabakiaren zain geratuko da. Epaile instruktoreak Aierdi ikertzea erabakiko balu, beraz, gobernua utzi beharko luke. Dena den, oraindik ez du urrats hori egin. Goizean, PSNko Ramon Alzorriz zuhur mintzatu da, eta esan du albistea jakin berri dutela. Haren ustez, auzitegiak argitu beharko du auzia, eta ohartarazi du auzibidea abiapuntuan baino ez dagoela orain. Geroa Baiko Uxue Barkosek konfiantza agertu du Gorenak zalantza oro argituko dituela. Gogorarazi du UPNk aurkeztutako salaketa bat duela oinarri auziak. UPNren garaiko beste porrotak EH Bilduko Adolfo Araizen arabera ere, auzibidea hasiera-hasierako tramiteetan baino ez dago: «Tramiterako onartu izan da; prozedura barruko tramite bat da, eta goiz da ezer baloratzeko». Araizek gogora ekarri du Aierdik hainbat aldiz azalpenak eman dituela parlamentuan, eta orain hori bera Gorenean egitea egokituko zaiola. Dena den, zail egiten zaio kereilari buruzko ezer aztertzea haren edukia jakin gabe. Halaber, gogoeta bat egin du horrek jar dezakeen aurrekaria: "Sodenaren barruan, hainbat azterketa juridiko eta ekonomiko egin ziren Davalorri buruz, eta, orain, gertatu dena da emaitza negargarria izan dela altxor publikoarentzat. Beste batzuetan ere hori gertatu da, baina inork ez ditu arduradunak auzitara eraman. Garai egokia izan liteke UPNren garaian Sodenak huts egindako jarduerak berrikusteko, ez baitu inork azalpenik eman horregatik». Izan ere, nahiz eta auzia Gorenera iritsi den, ez da auzi berria Nafarroan. Iragan legealdian, Manu Aierdik hainbat bider eman zituen azalpenak. Parlamentuan ikerketa batzordea ere ireki zen Sodenaren inbertsioen inguruan. Aierdik, azalpen horietan, justifikatu zuen «potentzialitate handiko» apustua zela Davalor, eta, hasieratik enpresa gaizki zegoela jakin arren, horregatik jo zutela aurrera. Davalorrek finantza egoera zaila izanagatik, Nafarroan lanpostu ugari sortzeko potentziala zuen, inbertitzaileak bilatzea lortuz gero, Aierdiren arabera. Haren ustez, arrisku kapitaleko sozietate gisa, estrategikoak diren sektoreetako enpresa hasiberriak eta egoera zailean direnak laguntzen ditu. Davalorren kasuan, ezohiko proiektua zelako babestu zuten. «Horrelako gutxi daude Nafarroan», azaldu zuen.
2020-12-14
https://www.berria.eus/albisteak/191117/michel-barnier-hurrengo-egunak-garrantzitsuak-izango-dira.htm
Ekonomia
Michel Barnier: «Hurrengo egunak garrantzitsuak izango dira»
Akordiorako «bide mehar bat» ikusten duela esan die Europako Batasunaren negoziatzaileak 27 herrialdeen enbaxadoreei. «Gure ardura da elkarrizketei aukera guztiak ematea», azaldu du gero, sare sozialetan. Michel Barnierren taldea eguerdian bilduko da David Frost britainiarrarekin.
Michel Barnier: «Hurrengo egunak garrantzitsuak izango dira». Akordiorako «bide mehar bat» ikusten duela esan die Europako Batasunaren negoziatzaileak 27 herrialdeen enbaxadoreei. «Gure ardura da elkarrizketei aukera guztiak ematea», azaldu du gero, sare sozialetan. Michel Barnierren taldea eguerdian bilduko da David Frost britainiarrarekin.
Merkataritza libreko akordio bat adosteko negoziazioak oraindik zabalik daude Bruselan, igandean hala erabaki zutelako telefono dei batean Erresuma Batuko lehen ministro Boris Johnsonek eta Europako Batzordeko lehendakariak, Ursula von der Leyenek. Horrela, gaur eguerdian dira bilera egitekoak bi aldeetako negoziatzaileak, Michel Barnier frantziarra eta David Frost britainiarra buru dituztela. Mahai gainean berritasun gutxi izango dituzte. Hori azaldu die Barnierrek Batasuneko 27 herrialdeetako enbaxadoreei gaur goizean, elkarrizketen egoeraren berri azaltzeko bilkuran. Negoziatzaile buruak esan die ikusten duela bide mehar bat akordiorako, baina zaila izango dela, oraindik arazo handienak hor daudelako. Iturri diplomatikoek Bloomberg-i esandakoaren arabera, estatu laguntzei buruzko jarrerak oraindik oso urrun daudela esan die Barnierrek enbaxadoreei, eta arrantza gaietan Erresuma Batuak atzera egin duela. Argi dagoena da, oraingoz behintzat, ez alde batek ez besteak ez duela elkarrizketak etetearen arduradun agertu nahi. «Gure ardura da elkarrizketei arrakastarako aukera guztiak ematea», esan du Barnierrek txio batean. «Inoiz ez da halako akordio zabal bat (merkataritza, energia, arrantza, garraioa, polizia eta justizia kooperazioa eta abar) horren gardentasun handiarekin eta horren denbora gutxian negoziatu». Barnierrek gaineratu du datorren egunak garrantzitsuak izango direla, akordio bat izango bada 2021eko urtarrilaren lehenerako. «Bidezkoa lehia, eta gure arrantzaleentzako konponbide iraunkorra giltzarriak izango dira akordio bat lortzeko». Nahiko agerikoa da hurrengo egunak garrantzitsuak izango direla, are gehiago epeak gainera datozela. Aurtengo urtarrilaren 31n atera zen Erresuma Batua ofizialki Europako Batasunetik, eta egun horretan bertan zabaldu zen Brexiterako trantsizio epea, bi aldeek astia izateko egitura guztiak egokitzeko eta etorkizuneko harremanaren nondik norakoak negoziatu eta adosteko. Trantsizio epe hori urtarrilaren lehenean itxiko da.
2020-12-14
https://www.berria.eus/albisteak/191118/hamasek-iragarri-du-prest-dagoela-al-fatahrekin-hizketan-hasteko.htm
Mundua
Hamasek iragarri du prest dagoela Al-Fatahrekin hizketan hasteko
Palestinako Aginte Nazionala Israelekiko harremanetan egoteak negoziazioak zailtzen dituela salatu du Hamasek.
Hamasek iragarri du prest dagoela Al-Fatahrekin hizketan hasteko. Palestinako Aginte Nazionala Israelekiko harremanetan egoteak negoziazioak zailtzen dituela salatu du Hamasek.
Al-Fatahrekin elkarrizketak hasteko prest agertu da Hamas, «palestinarren batasun nazionala» lortzeko helburuarekin. Ez da lehen aldia bi aldeek elkarrizketei ekiten dietena. Bi aldeetako ordezkariak Kairon bildu ziren azaroan, presidentetzarako hauteskunde eguna zehaztu nahian. 2006an egin zituzten hauteskundeak azken aldiz Gazan eta Zisjordanian. Al-Fatah izan zen nagusi Zisjordanian, eta Hamas Gazan. Bi aldeek batasun nazionalerako gobernua osatu zuten, baina akordioak gutxi iraun zuen. Hamaseko buru Ismail Haniyek ohartarazi du negoziazioetarako oztopo izango dela Al-Fatahren menpeko PAN Palestinako Aginte Nazionalaren eta Israelen arteko elkarlana. PANek maiatzean eten zituen Tel Avivekiko harremanak, hark Zisjordaniako hainbat eremu bereganatzeko asmoa iragarri zuenean. Joan den hilean, ordea, atzera egin zuen erabakian, eta elkarrizketak hasi zituen. Erakunde palestinarrek gogor kritikatu zuten erabakia.
2020-12-14
https://www.berria.eus/albisteak/191119/asteotan-izurriaren-kontrako-neurriak-indartu-beharko-liratekeela-esan-du-rafael-bengoak.htm
Gizartea
Asteotan izurriaren kontrako neurriak «indartu» beharko liratekeela esan du Rafael Bengoak
Ostatuen barruko aldeetan egoten ez dela utzi behar adierazi du, eta debekatu egin behar dela terrazetan erretzea.
Asteotan izurriaren kontrako neurriak «indartu» beharko liratekeela esan du Rafael Bengoak. Ostatuen barruko aldeetan egoten ez dela utzi behar adierazi du, eta debekatu egin behar dela terrazetan erretzea.
Rafael Bengoa osasun publikoko gaietan aditua da; nazioarteko osasun erakundeetan itzala badu, eta Eusko Jaurlarlitzako Osasun sailburua izan zen 2009-2012 urteetan. Horiek horrela, oihartzun handia izaten dute hark izurriaren inguruan ematen dituen iritziek, eta gaur ere erruz zabaldu dira Radio Euskadi irratian egin dioten elkarrizketa batean Gabonetarako hartutako prebentzio neurrien inguruan eman dituen iritziak, «arrisku» handiegiak hartu direla uste baitu: «Datozen egunetan neurriak indartu egin behar dira Euskadin». Auzitan jarri ditu Eusko Jaurlaritzak lehengo astean Eguberrietara begira hartutako hainbat neurri. Esaterako, tabernak zabalik daude larunbatetik, baina horietan mugak zorroztu egin behar liratekeela adierazi du: «Tabernen barruko aldeak itxi egin behar dira, eta terrazetan galarazi egin behar da erretzea». Prebentzio neurrien garrantzia nabarmendu du: «Eguberrietan egoera nahasia bada, hirugarren olatu bat sor daiteke». Familia topaketak-eta saihestu egin behar direla oroitarazi du: «Utz ditzagun datorren urterako, egoerak normaltzera egiten duenerako». Urte berriaren hasieran orduan ospatzeko esan du: «Jan ditzagun mahatsak abuztuan». Alemania jo du eredutzat, han neurriak zorrotu egin baitituzte orain: «Haien ildoari jarraitu beharko genioke, nolabaiteko normaltasun baten bila ibili bitartean». Beste biderik ez dagoela uste du: «Uda ameskeria bat izan zen». Adierazi du urtearen hasieran txertaketa kanpainak hasiko direla Europa osoan, eta , ondo bidean, heldu den urteko urrirako biztanleen %70 immunizatuta egongo direla. Horrregatik, heldu den urtera begira «esperantzarako» motiboak badirela pentsatzen du.
2020-12-14
https://www.berria.eus/albisteak/191120/berriro-epaituko-dituzte-bateraguneko-bortzak.htm
Politika
Berriro epaituko dituzte Bateraguneko bortzak
Espainiako Auzitegi Goreneko epaileek aho batez erabaki dute auzia berriro egitea. Espainiako Auzitegi Nazionalean egingo da epaiketa, hutsetik hasita.
Berriro epaituko dituzte Bateraguneko bortzak. Espainiako Auzitegi Goreneko epaileek aho batez erabaki dute auzia berriro egitea. Espainiako Auzitegi Nazionalean egingo da epaiketa, hutsetik hasita.
Bateragune auzia berriro egin ala ez erabaki behar zuen gaur Espainiako Auzitegi Gorenak, eta auzia berriz egitea erabaki dute auzitegiko bigarren salako epaile guztiek, aho batez. Auzitegi Goreneko presidente Manuel Marchenak hala erabakita, hamasei magistratuk hartu dute parte Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta eta Arkaitz Rodriguezen aurkako epaiketa berriz egin ala ez erabakitzeko eztabaidan: alegia, Auzitegi Goreneko bigarren salako epaile guztiek —zigor zuzenbideari buruzko sala da—. Epaile talde osoak parte hartzeak garrantzi berezia ematen dio erabakiari, eta, aitzineko halako kasu batzuetan gertatu izan den gisan, baliteke Auzitegi Gorenak erabakiaren bitartez doktrina bat ezarri nahi izatea. Auzitegi Goreneko epaile taldeak men egin dio, beraz, Goreneko fiskalaren eskaerari. Kontraesanak daude fiskaltzaren irizpideetan. Izan ere, Estrasburgoren 2018ko sententzia Espainian betearazteko egindako berrikuspen helegitea tramitatzerakoan, Illana Navia Osorio fiskalak ez zuen auzia berriz egiteko eskatu: zigorrak bertan behera uztea baino ez zuen galdegin. Joan den azaroan, ordea, Marchena Goreneko presidenteak irailean irekitako probidentzia bati erantzunez, auzia berriz egin zedila eskatu zuen. Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalaren irizpideekin ere ez dator bat. Hain zuzen, AVT-Verde Esperanza biktimen elkarteak egindako eskaerari erantzunez, Auzitegi Nazionalak ez zuen onartu epaiketa berriz egitea, urrian emandako ebazpen batean: auzitegiak argudiatu zuen, bertzeak bertze, epaiketa berriz egiteak ez lukeela lege babesik —Espainiako Prozedura Kriminaleko Legeak ez du halakorik aurreikusten— eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiak dioela «pertsona interesdunek» eskatuta soilik egin daitekeela auzia berriro. Alegia: Otegik, Diezek, Jacintok, Rodriguezek eta Zabaletak hala eskatuta egin daitekeela; ez bertzela. Eta auzipetuek ez zuten halakorik galdegin. Europako hitzarmena oinarri Goreneko iturriek jakinarazi dutenez, Giza Eskubideen Europako Hitzarmeneko zazpigarren protokoloko 4.2 artikulua oinarri hartuta erabaki dute auzia berriz egitea; auzitegiaren hitzetan, epaiketa bat berriz egitearen debekua salbuesten baitu artikulu horrek, Bateragune auzikoa bezalako kasuetan. Gorenaren arabera, bigarren salaren jurisprudentzian ere oinarritu dira magistratuak. Miguel Colmenero txostengileak idatzitako sententziak bat eginen luke, era berean, Navia Osorio fiskalaren irizpidearekin, zeinaren arabera eragotzi behar den egitate batzuk epaitu gabe gelditzea. Jakinarazi dutenez, ebazpen osoa datozen egunetan jakainaraziko dute. Aurrekaria da Estrasburgoren sententziak Espainian betearazteko irizpidearen aurka egiten du fiskalaren eskaerak, eta, beraz, baita Goreneko epaileen erabakiak ere. 2015ean Botere Judizialaren Lege Organikoan egindako moldaketa batean argitu zuten nola betearazi behar ziren Giza Eskubideen Europako Auzitegiko epaiak Espainian: berrikuspen helegite baten bidez. 2020ko uztaileko sententzia halako helegite bati erantzunez iritsi zen, hain zuzen; eta Gorenaren 2012ko epaia baliogabetzea ebatzi zuen, ez bertzerik. Lehen aldia da, beraz, halako zerbait egiten dutena: 2015etik honako Estrasburgoren sententzien aplikazioetan ez da halakorik gertatu, orain arte —ez Euskal Herriko gaiei dagokienez, ez bertzelakoetan—. Aurrekaria izan daiteke, beraz, eta, gainera, pisua ematen dio erabakia Goreneko epaile guztiek hartu izanak. Era berean, eta Espainiako Auzitegi Nazionalak epaiketa berriro egitearen aurka eman zituen argudioetan erran bezala, Espainiako legediak ez du aurreikusten epaiketa bat berriro egiteko aukerarik, berez. Estrasburgok hala eskatuta Valladolideko Probintzia Auzitegiak emandako epai baten baliogabetzean hala ebatzi zuen Espainiako Auzitegi Gorenak berak, 2017an, auzia berriro egiteari buruz: «Aukera hori ez dago aurreikusita ordenamendu prozesalean, eta, gainera, egitate berengatik bi aldiz epaitua ez izatearen eskubidea urratuko luke». Bertzeak bertze Manuel Marchena epaileak izenpetu zuen sententzia hori; Bateragune auzia berriro egiteko fiskalaren eskaera aintzat hartu duen epaile berak, hain justu.
2020-12-14
https://www.berria.eus/albisteak/191121/aurten-nafarroako-ekonomiak-106-atzera-egitea-espero-du-bbvak.htm
Ekonomia
Aurten Nafarroako ekonomiak %10,6 atzera egitea espero du BBVAk
Datorren urtean %6ko suspertzea aurreikusi du, eta biurteko amaieran orotara 3.000 lanpostu galduko direla ondorioztatu du finantza erakundeak
Aurten Nafarroako ekonomiak %10,6 atzera egitea espero du BBVAk. Datorren urtean %6ko suspertzea aurreikusi du, eta biurteko amaieran orotara 3.000 lanpostu galduko direla ondorioztatu du finantza erakundeak
BBVAk Nafarroa zertan den urteroko txostena kaleratu berri du iruñean, eta, ezinbestean, pandemiaren lorratz sakona islatu du azterketak. «Pandemiarekin lotutako ziurgabetasuna areagotzeak, kutsatzea saihesteko beharrezkoak diren konfinamendu eta urruntze neurriak ezarri beharrak eta berauek uste baino gehiago luzatzeak» eragin dute beherakada. Urte amaieran barne produktu gordina %10,6 uzkurtuko dela kalkulatu du finantza erakundeak. Nafarroako ekonomia, nazioartekoa bezala, ziurgabetasun giro handian mugitzen bada ere, etorkizunera begira baikortasun handiagoa islatzen du azterketak. Proba fase aurreratu batean dauden txerto kopuruak, baita zenbait herrialderen onarpenak ere, probabilitatea handitzen du datozen hemezortzi hilabeteetan SARS-CoV-2 koronabirusari aurre egiteko erremedio eraginkor bat izateko. Batik bat, 2021eko uztailetik aurrera, ekonomiak bultzada handia izateko aukera ikusten du BBVAk. Hala, 2021ean, %6 haztea espero du. Horrek esan nahiko luke Nafarroako ekonomia pandemiaren biurtekoan 2019ko martxoan baino %5,2 uzkurrago legokeela. Bidean 3.000 lanpostu galduko direla uste du. Aurreikuspenak beteko diren ikusi zain, pandemiak eragin sakona utzi du. Konfinamenduak kontsumoa nabarmen murriztu zuen martxotik apiril erdialdera bitartean: epe horretan, kreditu txartelen eta zordun txartelen bidezko operazioak %59 eta %47 murriztu ziren, eta «hainbat sektoretan gertatutako itxieraren neurria ematen dute». Garraio, kirol, bidaia, moda, ostalaritza eta jatetxeen sektoreetan, %75 eta %90ekoa izan zen txartelen erabileraren jaitsiera. 35 urtetik gorakoak Beste datu esanguratsu bat lan munduan eman dute, «krisiaren eragina heterogeneoa izan baita kolektiboen eta sektoreen artean». Gazteen artean enpleguaren beherakada handiagoa izan da, baina lana galdu dutenen erdiak baino gehiago 35 urtetik gorako pertsonak izan dira —2008-2009ko finantza krisian bostenek galdu zuten lana—. Sektoreen artean, ostalaritzak jasan du kolperik handiena: otsailetik maiatzera bitartean, afiliazioa %12,5 jaitsi zen. Eskualdeka, berriz, Iruñerriak eta Sakanak izan dituzte enplegu galerarik handienetakoak, %4tik gorakoak. Hurrengo hilabeteetan, jarduerak gorantz egin zuen. Ondorioz, murrizketak lehenago malgutu zituzten sektoreek nabaritu zuten lehenago bultzada. «Merkataritzaren eta industriaren hasierako susperraldia handia izan zen, baina zerbitzuen kasuan motelagoa izaten ari da». Hala ere, udan 175.000 turista izan ziren Nafarroan, iazko udan izan zirenen %45. Turismoaren, esportazioen eta zerga bultzaren ondorioz, hirugarren hiruhilekoan %18,8 egin du gora ekonomiak. Txartelen operazioak, behera berriro Dena den, urtea amaitu arteko hilabeteotan berriro jarduera nabarmen moteltzea espero du BBVAk, «COVID-19 kasuen intzidentzia handitzeak eta hartutako murrizketek ziurgabetasuna areagotzea ekarri dutelako». Oraindik behin betiko ondoriorik ateratzeko goiz bada ere, «hainbat adierazlek erakusten dute hobekuntza indarra galtzen ari dela», BBVAren arabera. Bankuak txartel bidezko operazioetan nabaritu du hori. «Urriaren bigarren erditik aurrera progresiboki indarra galdu du, foru erkidegoa konfinatu eta hilaren 22an ostalaritza itxi zenetik. Murrizketa hori nabarmenagoa da pandemiaren eraginpean dauden sektoreetan, hala nola bidaia, ostatu, aisialdi edo jatetxeetan», Aurrera begirako arriskuak eta ahulguneak ere azpimarraitu ditu BBVAk. Finantza erakundearen arabera, krisia areagotu ez dadin barne kontsumoari eusteko hartu diren neurriak berregokitu beharko lirateke. Europako Banku Zentralak zeresan handia izango duelakoan dago. Halaber, Espainiako Gobernuak Ico maileguen bidezko politikak eta aldi baterako erregulazioak berrikusi beharko lituzke. BBVAren arabera, Europako Batasunak onartutako Next Generation planaren bidez berreraikuntzarako iragarritako pizgarriak «nahikoa» izan daitezkeela deritzo, baina oraindik gauza asko argitzeko daudela uste du BBVAk: «Ez da planaren agenda osatzen duten proiektuen memoriarik eman, ez eta hura ezartzeko egutegirik ere. Era berean, ez da erraza jakitea proiektu horien arteko zeintzuk egingo ziratekeen NGEU gabe ere. Horren guztiaren ondorioz, zaila da azken eragina edo urtez urte izango duena baloratzea». Nolanahi ere, BBVAk uste du plan hori aukera handia dela eta haren ondorioak 2021eko bigarren erditik aurrera nabaritzen hasiko direla. Nafarroak proiektu interesgarriak dituela uste du: «Ildo horretan, Navarra Green planak ekimen interesgarriak ditu zenbait arlotan, hala nola energia berriztagarrietan».
2020-12-14
https://www.berria.eus/albisteak/191122/404-positibo-atzeman-dituzte-hego-euskal-herrian.htm
Gizartea
404 positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian
Nafarroako Gobernuak baheketak eginen dizkie zahar etxeetako langileei hamabostean behin
404 positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian. Nafarroako Gobernuak baheketak eginen dizkie zahar etxeetako langileei hamabostean behin
Osasunbideak eta Osakidetzak goizean emaniko datuen arabera, COVID-19aren positibotasun tasa %6koa da Hego Euskal Herrian. Atzo, 6.722 proba diagnostiko egin ziren Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan (PCR eta antigenokoak), eta horietatik 404k eman dute positibo. Herrialdeka, Nafarroa da positibo kopuru apalena erregistratu duena: 68, bezperan baino 25 gutxiago; Araban 71 atzeman dituzte (25 gutxiago), Bizkaian 145 (71 gutxiago) eta Gipuzkoan 115 (34 gutxiago). Detektatutako kasuen kopurua larunbatekoa baino askoz txikiagoa da, baina positibo tasa ez da murriztu: aitzitik, gora egin du apur bat, %5,8tik %6ra, askoz proba gutxiago egin zirelako atzo (larunbatean baino 2.751 gutxiago, zehazki). Osakidetzak jakinarazi du, bestalde, 26 pertsona ospitaleratu zituztela atzo COVID-19arengatik Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ospitaleetan, eta 112 paziente larri daudela ZIUetan. Nafarroako Gobernuak datozen orduetan emanen du ospitaleen egoeraren berri. Baheketak zahar etxeetan Eguneko datuez gain, Nafarroako Gobernuak iragarri du baheketak eginen dituela zahar etxeetako langile soziosanitarioen artean, hamabostean behin. Datorren astean hasiko dira probak egiten erkidegoko egoitzetan lan egiten duten 5.100 profesionalei. Osasun Departamentuko eta Gizarte Eskubideetako Departamentuko arduradunen esanetan, neurri «aitzindaria» da, eta «eremu soziosanitarioa babestea» du helburutzat. Hamabost egunean behin eginen dituzte PCR probak, bi hilabetez, eta, ondoren, ebaluatu egingo dituzte. 112 zentrotan eginen dituzte baheketak, adinekoen egoitzak, desgaitasunekoak eta buruko osasunekoak aintzat hartuta. Hiru zentro publikoko 500 langileri eginen dizkiete lehen probak: Iruñeko El Vergel, CAIDIS San Jose eta Lizarrako Santo Domingokoei, hain zuzen. Bestalde, Iruñeko Xabierko Frantzisko zentro psikogeriatrikoan ere eginen dute baheketa, baina COVID-19aren agerraldi aktibo bat dutenez, izurria amatatu eta bi astera hasiko dira. Egunotan, protokoloari jarraikiz, Osasun Departamentuak astero egiten dizkie PCR probak hango langileei. Nafarroako Gobernuak 1,64 milioi euroko inbertsio gehigarria egin du egitasmoa martxan jartzeko.
2020-12-14
https://www.berria.eus/albisteak/191123/kronologia.htm
KRONOLOGIA
KRONOLOGIA.
2009 2009-10-13. Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Rufi Etxeberria, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta, Txelui Moreno, Amaia Esnal, Mañel Serra eta Ainara Oiz atxilotu zituzten. 2009-10-16. Otegi, Diez, Jacinto, Rodriguez eta Zabaleta kartzelatzeko agindu zuen Baltasar Garzonek. 2010 2010-4-26. Auzitegi Nazionalak Rafa Diez aske utzi zuen, 30.000 euroko bermea jarrita. 2011 2011-6-27. Bateraguneren epaiketa hasi zen. 2011-9-16. Otegiri, Diezi, Jacintori, Rodriguezi eta Zabaletari kartzela zigorra ezarri zien Auzitegi Nazionalak —Diez hiru egunera espetxeratu zuten—. Esnal, Moreno eta Serra absolbitu egin zituen. 2011-10-20. ETAk amaitutzat eman zuen jardun armatua. 2012 2012-5-10. Zigor epaia berretsi zuen Gorenak. 2012-6-23. Gorenaren erabakiaren aurkako babes helegitea aurkeztu zuten. 2013 2013-6-4. Auziko mamiaz erabaki artean zigortuak aske ez uztea erabaki zuen Konstituzionalak. 2014 2014-7-22. Babes helegitea atzera botata, Zabaleta, Jacinto, Rodriguez eta Otegi preso mantentzea erabaki zuen Konstituzionalak. 2015 2015-10-11. Zabaleta, Jacinto eta Rodriguez aske gelditu ziren, zigorra osorik beteta. 2016 2016-3-1. Otegi aske gelditu zen. 2018 2011-11-6. Estrasburgok ebatzi zuen Auzitegi Nazionaleko epaimahaia ez zela inpartziala. 2019 2019-2-20. Irmoa bihurtu zen 'Bateragune auziaz' Europak emandako epaia. Horrek, defentsari Gorenera jotzeko eskubidea eman zion. 2019-11-15. Espainiako Auzitegi Gorenak Bateragune auziko epaiaren berraztertze helegitea aurkezteko baimena eman zion defentsari. 2012ko sententzia indargabe geratzeko aukera zabaldu zuen horrek. 2020 2020-08-01. Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zituen zigorrak. 2020-11-19. Voxen helegitea kontuan hartu eta epaiketa berriro egiteko eskatu zuen fiskaltzak. 2020-12-14. Auzitegi Gorenak epaiketa berriz egitea erabaki du.
2020-12-14
https://www.berria.eus/albisteak/191124/aleksandra-kollontairen-erle-langileen-amodioak-euskaratu-dute.htm
Kultura
Aleksandra Kollontairen ‘Erle langileen amodioak’ euskaratu dute
Aroa Uhartek itzuli ditu liburuak biltzen dituen hiru narrazioak, errusieratik zuzenean. Errusiako Iraultzaren testuingurua agerikoa den arren, hizpide ditu kontu pribatuak ere: besteak beste, harremanak eta amatasuna. Errusieratik itzulitako lehen emakumea da Literatura Unibertsala bilduman.
Aleksandra Kollontairen ‘Erle langileen amodioak’ euskaratu dute. Aroa Uhartek itzuli ditu liburuak biltzen dituen hiru narrazioak, errusieratik zuzenean. Errusiako Iraultzaren testuingurua agerikoa den arren, hizpide ditu kontu pribatuak ere: besteak beste, harremanak eta amatasuna. Errusieratik itzulitako lehen emakumea da Literatura Unibertsala bilduman.
Lermontov, Dostoievski, Pushkin, Txekhov, Gogol, Andreiev... horien eta beste hainbat errusiar idazleren obrak argitaratu dituzte Literatura Unibertsala bilduman. Hortaz, Errusiakoa ez da sistema ezezaguna euskal literaturarentzat, baina ez da guztiz ezaguna ere. Izan ere, gizonezkoak baino ez dira itzuliak izan errusieratik Erein eta Igela argitaletxeek EIZIErekin batera publikatzen duten bilduman. Hala azpimarratu du argitaletxeetako ordezkari Lander Majuelok, autoreen zerrenda aletu eta berehala. Orain, gabeziari lehen adabakia ipini diote: Aleksandra Kollontairen Erle langileen amodioak narrazio liburua argitaratu berri dute, Aroa Uhartek errusieratik zuzenean eginiko itzulpenean. «Ez da nolanahikoa» euskal literaturak bereganatu berri duen emakumea, ezta haren istorioak ere, Majuelok aldarrikatu duenez. Izan ere, biografia «osoa» izan zuela nabarmendu du argitaletxeetako ordezkariak: «Garrantzitsua izan zen 1917ko iraultzan. Haren bizitzak argi adierazten ditu XX. mendeko gorabehera guztiak». Lehen lerrotik bizi izan zituen, gainera, iragan mendeko lehen hamarkadak: munduko lehen emakumezko ministroa izan zen, eta enbaxadore ibili zen 30 urtez. Jomuga eta lorpen izan zituen, besteak beste, abortuaren legeztatzea eta nekazarien hezkuntza plana, eta, 1920ko hamarkadan haren liburu teoriko zein fikziozkoek arrakasta izan arren, hurrengo hamarkadetan ez-fikzioan eginiko lanagatik izan zen bereziki ezaguna, Aroa Uharte itzultzaileak nabarmendu duenez. Hala ere, orobat egurtu zituzten kritikariek ez-fikzioaren zein fikzioaren esparruan eginiko lanak, sarritan arrazoi moralak tarteko: «Baztertua izan zen politikoki, feminista izateagatik, eta baita literaturaren eremuan ere. Sentimentalismoa eta efektu melodramatikoetarako joera egotzi zioten». Garai hartako testuinguru soziopolitikoak narrazioak blaitzen dituen arren, esparru pribatura zuzentzen du soa bereziki Kollontaik, baita barneko mundura ere, Uhartek dioenez: «Marxismoaren ikuspegi feminista landu zuen, eta literatur lanetan beste alderdi batzuk jorratu zituen: amatasuna, harremanak edota emakumeen autonomia eta sexualitatea, besteak beste». Ondorioz, duela ehun urte ondutako narrazioak izanik ere, hainbat ertz ezagun egingo zaizkio irakurleari: «Gaur egungo kezkekin lotuta dago: pertsonala politikoa dela adierazten du». Protagonistak «iraultza egiteko lanetan murgildutako» emakumeak dira, eta «ilusioa» nabari zaie borroka politikorako, baina lan politikoa etxeko egoerarekin uztartzen dute. Garai «aldakor» baten erretratua agertzen du Kollontaik, horrenbestez, gizarteko hainbat geruzetan gertatzen ari dena, ordea. Hala ere, narrazioek ez dute mitinaren molderik, Uhartek ñabartu duenez. Pertsonaien bitartez transmititzen ditu Kollontaik garai hartako buruhausteak, baina horrek ez du baldintzatzen haien sakontasuna, ez baitira «karikatura itxiak». Epai kategorikoak baino gehiago, duda eragiten die egoerak protagonistei: «Narrazioen bukaeran zalantzaz beteriko begirada bat botatzen dio Kollontaik aurrera begirakoari, baina baikortasunez zipriztinduta dago». Konpromiso formala Argi dago literaturan ere agertu zuela diplomatikari gisa izandako konpromisoa, baina edukiaz gain forman ere eragin zuen Kollontairen ideologiak, autore guztietan gertatzen den bezala, bestalde. Idazleak ulergarritasuna du xede, eta, hortaz, «estilo sinplea, eskematikoa batzuetan» erabiltzen du Kollontaik euskaratu berri diren narrazioetan. Errusiako literaturak historikoki izandako «gizarte eragile» funtzioari jarraitzen dio autoreak: «Literatura tresna bat zen Kollontairentzat, emakume langileengana eta nekazari alfabetatu berriengana hurbiltzeko». Helburu sozialak erdiesteaz landa, molde tradizionalek erabat ardazten dituzte narrazioak, orduko abangoardiek bainoago: «XIX. mendeko tradizio literarioari jarraitzen dio gehiago XX. mendeko futurismoari baino». Aditzaren denboraz ere baliatu zen hartzailearengana are gehiago hurbiltze aldera, eta horretan ere tradiziora jo zuen: izan ere, Errusiako literaturan pisu nabarmena izan duen ahozkotasunaren moldea dago aditzak orainaldian erabiltzearen oinarrian. Ezaugarri honetan bat egiten dute nonbait errusiar eta euskal literatur tradizioek, Uhartek azaldu duenez: «Euskal literaturan ere orainaldian kontatzeko tradizioa dago, irakurlea hurbiltzeko balio duena».
2020-12-14
https://www.berria.eus/albisteak/191125/ehunka-ikasle-desagertuta-daude-nigerian-eraso-baten-ostean.htm
Mundua
Ehunka ikasle desagertuta daude Nigerian, eraso baten ostean
Talde armatuek ikastetxe bati eraso egin zioten ostiralean, Nigeria iparraldeko Kankara hirian, eta harrezkero desagertuta daude berrehun ikasle baino gehiago, herrialdeko agintariek jakinarazi dutenez. Gertakariaren momentuan zortziehun ikasle baino gehiago zeuden, baina horietatik laurehun aske daude.
Ehunka ikasle desagertuta daude Nigerian, eraso baten ostean. Talde armatuek ikastetxe bati eraso egin zioten ostiralean, Nigeria iparraldeko Kankara hirian, eta harrezkero desagertuta daude berrehun ikasle baino gehiago, herrialdeko agintariek jakinarazi dutenez. Gertakariaren momentuan zortziehun ikasle baino gehiago zeuden, baina horietatik laurehun aske daude.
AK-47 errifleak eskuan zituztela, bigarren hezkuntzako ikastetxe batera sartu ziren erasotzaileak, joan den ostiralean, Nigeriako Katsina estatuko Kankara hirian. Airera tiroak jaurti zituzten, eta segurtasun zaindari bat zauritu zuten. Ordutik, desagertuta daude institutu horretako berrehun eta laurehun ikasle artean, Badamasi Charanchi Katsina estatuko hezkuntza sailburuak jakinarazi duenez. Agintariek bahiketa masibo baten traza hartu diote gertatutakoari. Desagertutako ikasle kopurua ez dago argi oraindik. 884 ikasle dituen mutilentzako ikastetxe batean izan zen erasoa, eta gertakariaren momentuan 800 inguru han zirela diote zenbait irakaslek. Desagertutako ikasleetatik 400 inguru lokalizatu dituzte dagoeneko. Charanchik azaldu duenez, ikasleak desagertutako tokira bertara itzultzen ari dira. "Oraindik ez dakigu, zehazki, zenbat diren desagertutako eta bahitutako ikasleak", adierazi du Aminu Bello Masari Katsina estatuko gobernadoreak. Erasotzaileen inguruko informazio zehatzik ere ez dute, zehaztu duenez: "Inongo talderik ez da jarri gurekin harremanetan, erasoaren egiletzaren berri emateko edo eskariak egiteko". Desagertutakoen gurasoei "pazientzia" eskatu die gobernadoreak, eta ikasleak erreskatatzeko euren esku dagoen guztia egingo dutela ziurtatu die, erasotako ikastetxearen kanpoaldean egindako prentsaurreko batean. Masariren arabera, erasoaren egileak Zango/Paula baso eremuan daude gotortuta, eta armada haien aurka borrokan ari da, airez eta lurrez. Nigeriako presidentetzaren Twitter kontutik mintzatu da Muhammadu Buhari herrialdeko presidentea. Segurtasun indarrei "erasotzaileak neutralizatzeko, ikaslerik ez zauritzeko eta ez desagerrarazteko" eskatu diela adierazi du. Herrialdetik kanpoko erakundeen artean ere ezinegona eragin du gertakariak. Amnesty International izan da hitz egin duen lehenetarikoa. Erakundeak "irmoki gaitzetsi" du erasoa, eta dei egin die Nigeriako agintariei "ikasleak modu seguruan eta berehala erreskatatu ditzaten". Bestalde, landa eremuetan hezkuntzarako eskubidea bermatzeko neurriak ezar ditzaten eskatu du, egun "gaizkileen erasoen" bazka baitira inguru horiek, erakundearen arabera. "Gobernuaren akatsek gizon armatuen esku utzi dituzte landa komunitateak. Kankarako bahiketak gobernuaren babes falta are gehiago erakusten du", adierazi du Amnistia Internazionalak, ohar batean. Indarkeriaren gorakada, landa eremuan Urtea hasi zenetik hona, Nigeriako ipar-ekialdean areagotu egin dira talde armatuen erasoak. Kaduna, Katsina, Niger, Plateau, Sokoto, Taraba eta Zamfara estatuetako egoeraz ohartarazi du, bereziki, Amnesty International taldeak. Erakunde horrek abuztuan ezagutarazi zuen txosten baten arabera, inguru horietan gutxienez 1.126 lagun hil dira halako erasoetan aurten. Nigeria barnean gatazka armatuak bizien dauden estatuak dira horiek. Milizien, talde armatuen eta jihadisten arteko enfrentamenduak ohikoak nahiz erasoak ohikoak bihurtu dira. 2011tik hona, 8.000 lagun hil dira halako erasoetan, International Crisis Group erakundearen arabera, eta 200.000 desplazatu izan dira.
2020-12-14
https://www.berria.eus/albisteak/191126/canadell-tremosa-geis-eta-batet-lurraldeetan-gehien-bozkatuak-jxcren-zerrendetarako-primarioetan.htm
Mundua
Canadell, Tremosa, Geis eta Batet, lurraldeetan gehien bozkatuak JxCren zerrendetarako primarioetan
Alderdiaren hautagaitzako lehen postuetan izango dira, Laura Borras presidentegaiarekin batera. Argitzeko dago Puigdemontek zer toki beteko duen.
Canadell, Tremosa, Geis eta Batet, lurraldeetan gehien bozkatuak JxCren zerrendetarako primarioetan. Alderdiaren hautagaitzako lehen postuetan izango dira, Laura Borras presidentegaiarekin batera. Argitzeko dago Puigdemontek zer toki beteko duen.
Katalunian otsailaren 14an egitekoak diren bozetarako zerrendak osatzen ari da Junts per Catalunya alderdi independentista (JxC). Primario bidez hautatu ditu, joan den asteburuan, zein egongo diren lehen postuetan lurralde bakoitzeko hautagaitzetan. Haien artean dira alderdiko kargudun esanguratsuak, parlamentariak eta izen berri bat: Joan Canadell, Bartzelonako Merkataritza Ganberako presidentea —ANCren babesarekin iritsi zen kargura—. Canadellek bildu ditu, hain justu, boto gehien: 1.269 jaso ditu, Elsa Artadi JxCren bozermailearen eta Jaume Alonso Cuevillas Kongresuko diputatuaren aurretik. Horiek biek 1.212 eta 1.172 boto jaso dituzte, hurrenez hurren. Hirurak Bartzelonako zerrendako lehen postuetan izango dira, eta, haiekin batera, hauek osatuko dute hautagaitza: Jordi Puignero Generalitateko kontseilariak, Lluis Puig kontseilari ohi erbesteratuak, Meritxell Budo Generalitateko bozeramaileak, Damia Calvet kontseilari eta primarioen lehen itzulian Borrasen aurkari izandakoak, eta Josep Rius JxCko presidenteordeak. Gorka Knorr Eusko Legebiltzarreko presidente izandakoa hautagai zen Bartzelonako hautagaitzaren lehen postuetarako —egun Kataluniako Gobernuaren ordezkari da Madrilen—, baina ez da aukeratua izan. 22. postuan gelditu da, 133 botorekin. Gainerako lurraldeetan Ramon Tremosa kontseilaria (Lleida), Gemma Geis (Girona) eta Albert Batet (Tarragona) parlamentariak izan dira gehien bozkatuak. JxCren batzorde eragileak osatuko ditu behin betiko zerrendak. Falta diren postuetarako hautagaiak aukeratuko ditu, eta postuen ordena zehaztu, kontuan harturik «genero berdintasuna, ideologia pluraltasuna, lurralde oreka, lanbide aniztasuna, esperientziaren eta erakunde berritzearen arteko oreka eta belaunaldi aniztasuna». Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohi erbesteratuak presidentegai izateko aukera baztertu zuen azaroan, baina jakinarazi zuen zerrendetan parte hartuko zuela. Argitzeko dago zerrendetan zer toki hartuko duen. JxCko oinarriek Laura Borras, hots, alderdiak Espainiako Kongresuan duen bozeramailea hautatu zuen presidentegai izateko, primarioen lehen itzulian. Botoen %75 jaso zituen, eta alde nabarmenez gailendu zitzaion beste hautagaiari, Damia Calvet Lurralde kontseilariari.
2020-12-14
https://www.berria.eus/albisteak/191127/reala-manchester-united-final-hamaseirenetan.htm
Kirola
Reala-Manchester United final-hamaseirenetan
Otsailaren 18an izango da joanekoa, Donostian, eta itzulikoa 25ean, Manchesterren. Bigarren aldiz ariko dira elkarren aurka Europan; aurrenekoa 2013-2014ko denboraldian izan zen, Txapeldunen Ligan.
Reala-Manchester United final-hamaseirenetan. Otsailaren 18an izango da joanekoa, Donostian, eta itzulikoa 25ean, Manchesterren. Bigarren aldiz ariko dira elkarren aurka Europan; aurrenekoa 2013-2014ko denboraldian izan zen, Txapeldunen Ligan.
Realak aurkari historikoa izango du Europa Ligako final-hamaseirenetan: Manchester United. Eguerdian egin da zozketa, eta Ingalaterrako klub mitikoarekin parekatu du Reala. Otsailean izango da kanporaketa, eta joaneko partida Donostian jokatuko dute, hilaren 18an (18:55ean); itzulikoa, Old Trafford zelai historikoan, astebete geroago (21:00ean). Txapeldunen Ligatik dator United, hirugarren geratu baitzen H multzoan, PSG eta Leipzigen atzetik. Ingalaterrako ligan ez dago onenean, zortzigarrena baita: Tottenham liderrak bost puntu ateratzen dizkio. Sei partida irabazi ditu, bi berdindu eta hiru galdu; 19 gol sartu ditu, eta 17 galdu. Entrenatzailea Ole Gunnar Solskjaer norvegiarra da, taldeko jokalari bikaina izandakoa. Hainbat jokalari ezagun ditu: David de Gea atezaina, Harry Maguire erdiko atzelaria, Paul Pogba eta Bruno Fernandes erdilariak, eta Marcus Rashford eta Edinson Cavani aurrelariak. Palmares handia eta oparoa dauka: 20 aldiz irabazi du liga, hirutan Txapeldunen Liga, eta behin Europa Liga. Bigarren aldiz lehiatuko dira elkarren aurka Reala eta Manchester United Europan. Aurrenekoa Txapeldunen Ligan izan zen, 2013-2014ko denboraldian, multzoen fasean. Old Trafforden ingelesek irabazi zuten (1-0), eta Anoetan hutsean berdindu.
2020-12-14
https://www.berria.eus/albisteak/191128/aebek-salatu-dute-hilabeteak-daramatzatela-hacker-errusiarren-erasoak-jasaten.htm
Mundua
AEBek salatu dute hilabeteak daramatzatela hacker errusiarren erasoak jasaten
Erasoek AEBetako Gobernuaren hainbat departamenturi eragin diete, baita FireEye zibersegurtasun enpresari ere. AEBetatik kanpoko enpresa handi batzuek ere jasan dituzte, eta Errusiako Gobernuak esan du ez duela erasoarekin zerikusirik. Google-en zerbitzuak ere erori dira.
AEBek salatu dute hilabeteak daramatzatela hacker errusiarren erasoak jasaten. Erasoek AEBetako Gobernuaren hainbat departamenturi eragin diete, baita FireEye zibersegurtasun enpresari ere. AEBetatik kanpoko enpresa handi batzuek ere jasan dituzte, eta Errusiako Gobernuak esan du ez duela erasoarekin zerikusirik. Google-en zerbitzuak ere erori dira.
Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak bart jakinarazi du «mundu mailako» ziber eraso bat jasaten ari dela azken hilabeteetan. Arduradunak, Washingtonen arabera, hacker errusiarrak dira. Erasoa gobernuko hainbat departamentuk jasan dute; besteak beste, Komertzio departamentuak eta Altxorraren departamentuak, baita gobernuarekin harreman estua duen FireEye zibersegurtasun enpresak ere. Kevin Mandia FireEyeko zuzendariaren arabera, erasoen helburu nagusia gobernuak dituen bezeroen informazioa lapurtzea izan da. Hilabeteak daramatzate erasoak jasaten, eta ez AEBetan soilik: Europa, Asia eta Ekialde Hurbileko gobernu eta enpresa asko ere jo puntuan dituzte erasoek. FireEyek argi utzi du arduradunek erakutsi dutela punta-puntako gaitasunak dituztela, eta litekeena dela gobernuren baten babesa izatea. Errusiak, bestalde, ezeztatu egin ditu AEBen akusazioak. Dimitri Peskov gobernuaren bozeramaileak argi utzi du eurek ez dutela erasoekin zerikusirik, eta gogorarazi du Vladimir Putin presidentea izan zela AEBei zibersegurtasunerako akordio bat egitea proposatu ziena. Putinek ez zuen erantzunik jaso. Hortaz gain, Peskovek esan du AEBek erasoak hainbat hilabetetan zehar jasan badituzte, ez lieketela erru guztia errusiarrei egotzi beharko. Google, erorita Hortaz gain, gaur Google edo Youtube erabili ezinda dabiltza milioika erabiltzaile, nagusiki, Europan —baita Euskal Herrian ere—. Googlek ez du argitu arazoaren jatorria, ezta AEBetako Gobernuak salatutako erasoarekin lotura duen ere. Ez da aurten Google erortzen den lehen aldia; abuztuan ere izan zituen arazoak, eta zazpi ordu behar izan zituzten konpontzeko.
2020-12-14
https://www.berria.eus/albisteak/191129/ostalaritza-itxi-beharko-dute-gaur-azpeitian-beasainen-zaldibian-zigoitian-eta-ananan.htm
Gizartea
Ostalaritza itxi beharko dute gaur Azpeitian, Beasainen, Zaldibian, Zigoitian eta Añanan
Intzidentzia 100.000 biztanleko 500 edo handiagoa duten 5.000 biztanletik beherako herrietan ere ezingo dituzte zabaldu jatetxeak eta tabernak.
Ostalaritza itxi beharko dute gaur Azpeitian, Beasainen, Zaldibian, Zigoitian eta Añanan. Intzidentzia 100.000 biztanleko 500 edo handiagoa duten 5.000 biztanletik beherako herrietan ere ezingo dituzte zabaldu jatetxeak eta tabernak.
Eusko Jaurlaritzak joan zen astean erabaki zuen taberna eta jatetxeei zabaltzeko baimena ematea, hilabete bat itxita egon ondoren. Edonola ere, baldintza bat jarri zuen: azken 14 egunetan 100.000 biztanleko 500 kasu baino gutxiagoko intzidentzia tasa eduki beharko dute herrian negozio horiek irekitzeko. Baldintza horrek eraginda, Azpeitian, Beasainen eta Zaldibian (Gipuzkoa) itxi beharko dituzte ostalaritzako lokalak. Horrez gain, itxita jarraituko dute Arrigorriagan eta Ermuan (Bizkaia), eta Arrasaten eta Ordizian (Gipuzkoa). Horietan guztietan 500 kasu baino gehiagoko intzidentzia baitute. Herenegun zabalduriko larunbateko datuen arabera, Arrigorriagak 521 kasu zituen 100.000 biztanleko; Ermuak 517,49; Eibarrek 510; Arrasatek 1.110,71; Azpeitiak 571,24; Beasainek 544,06, eta Ordiziak 742,23. Eibarren, berriz, zabaldu ahalko dituzte, azken orduetan tasa 473,46ra jaitsi baita. Joan zen ostegunean kontrakoa iragarri arren, Jaurlaritzak erabaki du ez duela baimenik emango ostalaritza zabaltzeko 500 kasu edo gehiago dituzten 5.000 biztanle baino gutxiagoko herrietan. Horren eraginez, tabernak itxiko dituzte gaur Añanan eta Zigoitian, eta itxita jarraituko dute Iruña Okan, Zuian (Araba). Zaldibia ere 5.000 biztanletik beherako multzo horretan dago. Haatik, zabaldu ahalko dituzte Erriberabeitian (Araba), han ere larunbateko emaitza hobetu dutelako. Jaurlaritzak astelehenetan eta ostegunetan argitaratuko du herrietako intzidentzia tasa.
2020-12-14
https://www.berria.eus/albisteak/191130/txertoa-ematen-hasi-dira-aebetan.htm
Mundua
Txertoa ematen hasi dira AEBetan
New Yorkeko Queens auzoko erizain batek hartu du lehen dosia. Pfizer eta Biontech enpresek ekoitzitako txertoaren ia hiru milioi dosi banatu nahi dituzte kanpainako lehen egunetan.
Txertoa ematen hasi dira AEBetan. New Yorkeko Queens auzoko erizain batek hartu du lehen dosia. Pfizer eta Biontech enpresek ekoitzitako txertoaren ia hiru milioi dosi banatu nahi dituzte kanpainako lehen egunetan.
Txertaketa kanpainari ekin diote AEBetan, txertoa herrialdeko 600 lekutara iritsi den egun berean. Sandra Lindsay izan da lehena txertoa hartzen, New Yorkeko Queens auzoko ospitale batean lan egiten duen erizain bat. Hain justu, izurriak gogorren jotako auzoetako bat da Queens. "Espero dut gure historiaren atal oso mingarri baten amaieraren hasiera izango dela hau", adierazi du Lindsayek, txertoa hartu eta segidan egindako adierazpenetan. Izan ere, hedabideez inguratutako ekitaldi batean hartu du txertoa erizainak. New York estatuko gobernadore Andrew Cuomok agerraldia egin du, lehen dosi hori banatu eta berehala. "Sinetsita nago gerra amaituko duen arma izango dela", adierazi du. Donald Trump AEBetako jarduneko presidenteak Twitter bidez iragarri du txertaketa kanpaina hasi dela: "Lehenengo txertoak ezarri dira. Zorionak AEBei! Zorionak munduari!". Ostiralean onartu zuten Pfizer eta Biontech enpresek sortutako txertoaren komertzializazioa. FDAk egin zuen, herrialde horretako medikamentuen merkaturatzea arautzeaz arduratzen den organismoak. Txertaketarako 600 leku ezarri dituzte herrialde osoan, eta horietan txertoa banatzen hasi ziren, FDAren baiezkoa jaso eta berehala. Leku horietako batzuetara gaur heldu dira lehen dosiak, eta datozen egunetan iritsiko dira gainerakoak. Guztira, 2,9 milioi dosi banatu nahi ditu gobernuak datozen 21 egunetan. Osasun langileak, osasun arloan lan egiten dutenak eta adinekoen zaintzan aritzen direnak izango dira lehenak. Pandemiaren une gogorrenetako batean hasi dute txertaketa kanpaina AEBetan. Eguneko 200.000 kutsatu inguru izan dira azken egunetan, eta egun bakarrean 3.000 hildako ere izan ziren joan den astean. Hamasei milioi lagun baino gehiago kutsatu dira herrialdean izurria iritsi zenetik, eta ia 300.000 lagun hil dira.
2020-12-14
https://www.berria.eus/albisteak/191131/aurrekontuetan-madrilgo-eta-iruneko-jarrera-bera-izateko-eskatu-die-eajk-eh-bildu-eta-ahal-dugu-ri.htm
Politika
Aurrekontuetan «Madrilgo eta Iruñeko jarrera bera» izateko eskatu die EAJk EH Bildu eta Ahal Dugu-ri
Jaurlaritzako gobernu kontseiluak bihar onartuko du aurrekontu proiektua.
Aurrekontuetan «Madrilgo eta Iruñeko jarrera bera» izateko eskatu die EAJk EH Bildu eta Ahal Dugu-ri. Jaurlaritzako gobernu kontseiluak bihar onartuko du aurrekontu proiektua.
Euskal Autonomia Erkidegorako 2021eko aurrekontuek bihar emango dute lehen pausoa, gobernu kontseiluak biharko bileran onartuko baitu lege proiektua. Jaurlaritzak ziurtatuta dauka kontuen onespena, EAJk eta PSE-EEk gehiengo osoa baitute Eusko Legebiltzarrean, baina ikusteko dago gobernuak zenbateraino aldatzen duen lege proiektua talde parlamentarioen zuzenketak jasotzeko eta, horrela, aurrekontuek zenbaterainoko babesa izango duten parlamentuan. Jaurlaritzako iturrien arabera, COVID-19aren izurriak baldintzatutako aurrekontuak izango dira, pandemiak eragindako egoera ekonomikoa suspertzekoak. Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak emango ditu xehetasunak bihar, gobernu kontseilu osteko agerraldian. Gobernuaren aurreikuspena da EAEko ekonomia %10,1 uzkurtzea aurten eta %8,9 haztea datorren urtean. Hori horrela, dirua biltzeko aurreikuspenak 13.411,6 milioikoak dira aurten; 2019ean baino 2.058 milioi (%13,3) gutxiago. Datorren urteari begira, espero dute 14.250 milioi euro biltzea; 2020rako aurreikusitakoa baino %6,3 gehiago. Erkidegoak %2,2ko defizita onartua du datorren urterako, eta %16,9ko zorpetze muga. Hori horrela, Jaurlaritzak dio «murrizketarik gabeko» aurrekontuak aurkeztuko dituela, «austeritatetik urrun». Biharko tramitearen ondoren, proiektua ostegunean erregistratuko dute Eusko Legebiltzarrean, eta hilaren 21etik 23ra bitartean sailburuek agerraldiak egingo dituzte parlamentuan, beren arloko diru sailak azaltzeko. Ogasun sailburuaren asmoa da talde politikoekin biltzea urtarrilaren 11ko astean, akordiorako aukerarik baden aztertzeko. Osoko zuzenketa eztabaidatzeko bilkura urtarrilaren 29rako aurreikusita dago, eta otsailaren 11n onartuko lirateke aurrekontuak. Zenbaterainoko babesa Kontuak aurrera aterako direla ziurra da, baina EAJk babesa zabaldu nahi du, eta, testuinguru horretan, Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko presidenteak EH Bilduri eta Elkarrekin Podemos-IUri eskatu die izan dezatela «Madrilen eta Iruñean» izandako jarrera bera —bi indarren babesarekin onartu dituzte Nafarroako eta Espainiako aurrekontuak—. Euskadi Irratian, Atutxak dei egin die egoerari «elkarrekin» erantzutera: «Egoera oso gogorra da, eta oposizio denak oso ondo daki zein diren diruak eta zein beharrak. Oso ondo lehenetsi dira horiek. Denok bat egiteko garaia da eta seguru nago, alde horretatik, Gobernuak eskuzabaltasunez jokatuko duela». Norabide berean mintzatu da Idoia Mendia Jaurlaritzako lehendakariorde eta PSE-EEko idazkari nagusia ere, eta oposizioko indarrei eskatu die proiektua babesteko: «Nik Ahal Dugu-ri eskertuko nioke ez dadila katramilatu PSE-EEri oposizioa egiten, aurreko legealdian bezala. Nik ez diot oposizioari oposizioa egingo. Badakite gobernuarekin ados jartzeko eskua luzatuta dutela». Mendiak uste du «nahikoa konexio puntu» badaudela ados jartzeko. Pilar Garrido Ahal Dugu-ko Euskal Autonomia Erkidegoko koordinatzaile nagusiak, ordea, nabarmendu du bere alderdiak lanean jarraituko duela «eredu sozioekonomiko berri bat marrazten duen proiektuan aldaketa garrantzitsuak sartzeko», eta erantsi du aurrekontuak «etorkizun errepublikanorantz aurrera egiteko aukera ezin hobea» direla. Jaurlaritzak datorren urtean izango duen ahalmen ekonomian eragingo dute Europako funtsek ere, eta horren inguruan hitz egin du EH Bilduk. Indar subiranistak hala eskatuta, Legebiltzarrak Europako funtsei buruzko osoko bilkura monografikoa egingo du etzi eta, Mikel Oteroren iritziz, eztabaida horrek «gobernantza marko argi bat» definitzea ahalbidetuko du. Oterok gogora ekarri duenez, Jaurlaritzak hilaren 29an onartuko du Europako funtsekin finantzatu nahi dituen proiektuen zerrenda: «Garaiz gaude inbertsio horiek maila instituzional guztietara iritsiko direla bermatzeko eta europar guztien ahalegin publiko mankomunatu horrek guztion onerako onurak ekarriko dituela bermatzeko».
2020-12-14
https://www.berria.eus/albisteak/191132/bateragune-auziari-aurre-batera-egingo-diotela-aldarrikatu-dute.htm
Politika
'Bateragune auziari' aurre batera egingo diotela aldarrikatu dute
EAJk adierazi du «harriduraz eta haserre» jaso duela epaiketa berriro egiteko erabakia, eta «inoiz baino premiazkoagoa» dela Espainiako justiziaren egiturak berritzea. Abalosen arabera, auzian ez da talde parlamentario bat epaitzen.
'Bateragune auziari' aurre batera egingo diotela aldarrikatu dute. EAJk adierazi du «harriduraz eta haserre» jaso duela epaiketa berriro egiteko erabakia, eta «inoiz baino premiazkoagoa» dela Espainiako justiziaren egiturak berritzea. Abalosen arabera, auzian ez da talde parlamentario bat epaitzen.
Espainiako Auzitegi Gorenak Bateragune auzia berriro egiteko erabakia hartu du, eta hautuarekin batera iritsi dira lehen erreakzioak. Auzipetuetako batzuek sare sozialak erabili dituzte horretarako. Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak mezu labur bat zabaldu du: «Ez gintuzten bezatu, ez gintuzten menderatu, ez gaituzte otzanduko! Egin irri. Irabaziko dugu». Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiaren arabera, jada hamabi urte igaro dira atxilotu zituztenetik, eta sei urte espetxean igaro eta Europak auzia bertan behera uztea erabaki ostean, salatu du orain auzitegiak epaiketa berriro egitea erabaki duela. «Demokrazia? Ze demokrazia?». Miren Zabaleta Sortuko kidea, berriz, aurrera begira jarria dago: «Borrokatu, irabazi, erori, altxatu. Bakeak, justiziak eta demokraziak beti merezi izan dute eta merezi dute». Hala, auziari batera aurre egingo diotela aldarrikatu dute auzipetuek, eta babesa erakutsi diete beste hainbestek. Hainbat izan dira elkartasuna oinarri izan duten politikariak eta talde politikoak ere. Mertxe Aizpurua eta Bel Pozueta EH Bilduko Espainiako Kongresuko diputatuek auziaren eta erabakiaren «bidegabekeria» izan dute gogoan. «Injustizia zentzugabe eta mendeku gose honi ere #BateraAurre egingo diogu, Euskal Herriak dakien bezala. Bidegabekeriek ez gaituzte kikilduko!», adierazi du Pozuetak. Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak ere bere iritzia plazaratu du: «Legezko alderdi bateko buruak epaitu nahi dituzte legez kanpoko alderdi bat sortzea egotzita. Non dago kasua?». Talde politikoei dagokienez, EAJk azpimarratu du auzitegiak hartutako erabakia alderdiarentzat «ezusteko desatsegina» izan dela, eta «harriduraz eta haserre» jaso dutela berria. Areago, erantsi dute zentzugabekeria dela guztia ETArekin lotzea, eta horrek oztopoak sortu dituela bizikidetza normalizatzeko prozesuan. «Erabakiak arreta jartzen du beste behin Europako instantzia gorenek Espainiako erresumaren aurka eman dituen epai ugarietan; akusatuei bidezko epaiketa baterako eskubidea urratu zaie eta ez da inpartzialtasunez jardun». Haren ustez, «inoiz baino premiazkoagoa» da Espainiako justiziaren egiturak, funtzionamenduak eta hautaketa irizpideak berritzea, bere jarduna giza eskubideen defentsan Europak ezarritako estandarrekin bateratzeko. EA Eusko Alkartasunak eskari bat egin dio Espainiako Gobernuari, auzitegiak hartutako erabakiaren inguruan hausnartzeko eta bere iritzia plazaratzeko. Ezker Anitzaren ustez, berriz, azken hautu honek erakusten du eskuina auzitegietan dagoela, eta «gehiengo antidemokratikoarekin» politika egin nahi dutela. Espainian ere oihartzuna izan du auzitegiaren erabakiak. Jose Luis Abalos PSOEko Antolakuntza Idazkaria eta Espainiako Gobernuko Garraio eta Mugikortasun ministroaren ustez, eta zehazki Otegiri erreferentzia eginez, epaiketan ez da formazio edo talde parlamentario bat epaitzen, baizik eta pertsona bat, nahiz eta auziak haren ekintza politikoekin lotura izan dezakeen. Izan ere, hainbat dira egoera hau ere talde politiko bat indargabetzeko baliatu nahi izan dutenak. Voxek, esaterako, EH Bildu ilegaltzat jotzeko eskaria egin du. Sindikatuak ere kexu Errealitateak fikzioa gainditzen segitzen duela uste du LAB sindikatuak: «Espainiak justizia modu injustuan erabiltzen jarraitzen du, herrien erabakitzeko eskubidea termino demokratikoetan konpontzeko eskaintzarik gabe; etengabe eskubide zibil eta politikoak bidegabeki urratzen jarraitzen du». Haien arabera, «eskandalu bat» da berriro bost kideak epaitu behar izatea, eta beraz, auzi politiko guztien amaiera eta euskal preso politikoen askatasuna exijitu dute.
2020-12-14
https://www.berria.eus/albisteak/191133/sei-gazta-berri-aurkeztu-dituzte-eusko-label-esnearekin-ekoiztutakoak.htm
Ekonomia
Sei gazta berri aurkeztu dituzte, Eusko Label esnearekin ekoiztutakoak
Euskal Gaztak egitasmoa sortu dute, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egiten diren beste barietate batzuk bultzatzeko. 18.000 kilo produzitu dituzte aurten.
Sei gazta berri aurkeztu dituzte, Eusko Label esnearekin ekoiztutakoak. Euskal Gaztak egitasmoa sortu dute, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egiten diren beste barietate batzuk bultzatzeko. 18.000 kilo produzitu dituzte aurten.
Idiazabal sor-markatik haragoko gaztei bultzada bat eman nahi diete Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Eusko Jaurlaritzak Euskal Gaztak deituriko egitasmoa jarri du martxan, eta, horren bitartez, beste sei barietate lagunduko ditu. Eusko Label etiketa duen esnearekin ekoitzitako produktu gisa bultzatuko ditu: hori izango da seien ezaugarri komuna. Ez dira berri-berriak, baina kontsumitzaile askok ez dituzte ezagutzen edo ez dakite Euskal Herrian ere halakoak produzitzen direnik, kasu askotan merkaturatzeko izaten dituzten zailtasunengatik. Gabezia horri irtenbide bat eman nahi diote Euskal Gaztak egitasmoarekin. «Ekoizleei tresna bat eskaini nahi diegu euren produktuak merkatura ahalik eta balorizatuen iristea lortzeko», adierazi du Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburuak, egitasmoaren aurkezpenean. Honako hauek dira sei barietateak: Fraisoro, behi gazta tradizionala; Otzara, antzinako artisau teknika errespetatzen duen ardi gazta; Saroi, ardi, ahuntz eta behi esnea nahasten dituena; Latxa Urdina edo gazta urdina; Txuria, azalik gabeko gazta freskoa; eta Auntzai, aske hazitako ahuntzen esnearekin eginiko gazta. Prestakuntza Egitasmoa gauzatu ahal izateko, 75 ekoizlek prestakuntza jaso dute 2019tik. Aurten, gainera, Eusko Labeldun esnea egiteko 142 ustiategi berri erregistratu dituzte, eta barietate ezberdinetako 18.000 kilo gazta egin dituzte, 140.000 litro esne inguru erabilita. Gaztak merkatuetan, azoketan, gertuko saltokietan eta saltoki handietan erosi ahal izango dira. Etiketan Eusko Label esnearekin eginda daudela erakutsiko duen irudi bat eramango dute, marka komertzialarekin batera. Urrian antzeko egitasmo bat aurkeztu zuten, Euskal Ogia deiturikoa; kasu horretan, Arabako gariarekin eginiko produktuentzat. Kategoria bera dute txerri eta behi okela labeldunarekin produzitutako jakiek. Gazten kasuan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bakarrak du sor-marka: Idiazabalgoak. Euskal Herrian beste bik dute etiketa hori: Erronkarikoak eta Iratikoak. Barietateak Fraisoro. Behi esnearekin egindakoa. Fraisoro nekazaritza eskolan (Zizurkil, Gipuzkoa) sortua, XIX. mendean. Urteko sasoi bakoitzeko esnerik onenarekin egiten da, eta elaborazio prozesu konplexua du; horri esker, esne gainaren antzeko testura duen pasta bat lortzen da. Otzara. Zumezko saskietan ondutako ardi gazta. Saskiko gazta ere esaten zaio. Formatu txikikoa, egitura samurrekoa eta aurpegi horixka duena. Saroi. Euskal gaztarik zaharrena dela esan ohi da. Gazta biguna da, leuna, gurin ukitu bat duena eta neurri handikoa. Nahasketa da, zenbait abereren esnearekin egindakoa: behia, ardia, ahuntza... Latxa Urdina. Ardi latxaren esnearekin egindakoa. Nortasun handikoa. Intentsitatea, gehiegizkoa izan gabe, ahoan mantentzen da denbora batez. Kozinatzeko ere erabiltzen da. Txuria. Osagai bakarrak esnea, ura eta gatza dira. Gazta arina eta besteak baino kaloria gutxiagokoa. Azalik gabekoa da; ez dago prentsatuta, ezta gatzatuta ere. Auntzai. Zapore eta usain biziko gazta, libre bizi diren ahuntzen esnea onduz egindakoa.
2020-12-14
https://www.berria.eus/albisteak/191134/eraso-lesbofobo-bat-salatu-du-irantzu-varela-kazetariak.htm
Gizartea
Eraso lesbofobo bat salatu du Irantzu Varela kazetariak
Basauriko Udalak salaketa zuzentzeko eskatu dio, ustezko erasotzailea ez delako dagoeneko udal arkitektoa, feministak mezu batean hala adierazi badu ere, iaz hartu baitzuen erretiroa. Udalaren jarrera gaitzetsi dute sare sozialetan.
Eraso lesbofobo bat salatu du Irantzu Varela kazetariak. Basauriko Udalak salaketa zuzentzeko eskatu dio, ustezko erasotzailea ez delako dagoeneko udal arkitektoa, feministak mezu batean hala adierazi badu ere, iaz hartu baitzuen erretiroa. Udalaren jarrera gaitzetsi dute sare sozialetan.
Irantzu Varela kazetariak salatu duenez, eraso lesbofobo bat pairatu zuen atzo, auzo batzuekin edukitako eztabaida baten harira. Kontatu duenez, aldameneko etxebizitzan bizi duen bikoteak txirrina jo zuen atzo gauean, eta etxera sartu zitzaion, haserre, Varelak birziklatzeko kartoia ezkaratzera atera zuelako. Kontatu duenez, gizonak lau ukabilkada eman zizkion aurpegian. Jotzen zuen bitartean, «lesbiana nazkagarria» eta «mari-mutil» esan zion gizonak. Kazetariak gertatutakoaren berri eman zion Ertzaintzari, eta haren etxera joan ziren agenteak. Varela sendagilearengana joan da gaur goizean, zaurien txostena egiteko, salaketarako. Kazetariak zer gertatu zitzaion jakinarazi zuen Twitterren, erasotzailea «Basauriko Udaleko arkitektoa» zela azalduta. Baina udalak Twitterren bidez erantzun dio, zuzenketa eskatzeko: «Zuzenketa exijitzen dugu funtzionarioaren eta Basauriko Udalaren izen ona gordetzeko», idatzi dute udalaren Twitterreko kontuan. Antza denez, ustezko erasotzaileak kargu hori eduki zuen 2019ra arte, eta orain erretiroa hartuta dago. «Aurrekoa da. Erretiroa hartu du. Oraintxe jakin dut. Nik elkartasun edo sostengu apur bat eskatuko nioke hazten ikusi nauen herriko udalari, baina askotxo eskatzea izango dela imajinatzen dut», idatzi du Varelak. Udalaren txioak erantzun mordoa eragin du sare sozialean. Gehienetan, erasoaren biktimari kezkarik eta elkartasunik ez adieraztea leporatu diete Basauriko Udalari, erasoa gaitzetsi ez izana, eta bere izena zaindu nahi izatea, erasoa pairatu duen emakumearen osasunaren aurretik. Ordu batzuk geroago, beste txio bat zabaldu du Basauriko Udalak. Horretan idatzi dutenez, «Udalak eraso matxistari hori arbuiatzen du zalantzarik gabe», eta «elkartasun guztia» azaldu diote Varelari. Halere, euren aurreko jarrera defendatu dute. Varela kazetari eta ekintzaile feministak (Portugalete, Bizkaia, 1974) eraso ugari jasan ditu azken urteotan. Iaz, pintaketak egin zizkion eskuin muturreko talde batek, eta haren datu pertsonalak zabaldu zituzten sare sozialetan. Erasook salatu zituen BERRIAk eginiko elkarrizketa batean.
2020-12-14
https://www.berria.eus/albisteak/191135/arabako-bizkaiko-eta-gipuzkoako-herritarren-65entzat-migrazioa-ez-da-arazoa.htm
Gizartea
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren %65entzat migrazioa ez da arazoa
Gaur aurkeztu dute Ikuspegiren barometroa, eta inoizko onarpen handiena jaso dute ondorioetan: hamar herritarretik bakarrarentzat da arazoa migrazioa.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren %65entzat migrazioa ez da arazoa. Gaur aurkeztu dute Ikuspegiren barometroa, eta inoizko onarpen handiena jaso dute ondorioetan: hamar herritarretik bakarrarentzat da arazoa migrazioa.
Bilbon egindako prentsaurrekoan aurkeztu dituzte datuok Patxi Juaristi EHUko errektoreordeak, Julia Shershneva Ikuspegiko zuzendariak eta Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak. Urtero egiten du galdetegia Ikuspegik, baina aurten pandemiaren aldagaia txertatu diote ikerketari. Eta, hain justu, Shershnevak eta Artolazabalek adierazi dute 2020ko datuak "esanguratsuak" direla. Batetik, Ikuspegiko zuzendariak ohartarazi du "arraroak" direla ikerketaren emaitzak, pandemiak eragina izan duelako. Bestalde, sailburuak nabarmendu du beste krisi batzuetan behera egiten duela migrazioarekiko onarpen mailak, eta oraingoan, gora egin duela: "Normalean krisirik ez dagoenean igotzen da tolerantzia maila. Orain, ordea, pandemiak bestelako krisi batzuk eragin ditu: emozionala, soziala, ekonomikoa... Eta, halere, inoizko indize onenak jaso ditugu". Bere ustez, euskal gizarteak "ulertu" du "solidario" izateko unea dela, eta ezinbestekoa dela "elkarbizitza". Horren adierazle da Ikuspegik txostena egiten duenetik —2007tik— inoizko onarpen maila altuena jasotzea: %65entzat ez da arazoa migrazioa; eta hamarretik batentzat da problema. Koronabirusak eragin du bestelako aldagai batzuetan ere. Esate baterako, osasun zerbitzuen erabilerak irekia behar luke herritar guztientzat —bertako ala atzerriko izan— galdetegian parte hartu dutenen %92ren ustez. Apalagoa da dirulaguntzen gaineko iritzia. %65ek uste dute COVID-19ak eragindako kalteak arintzeko dirulaguntza berak edukitzeko aukera izan behar dutela migranteek, baina %16entzat bertakoek eduki beharko lukete lehentasuna. Emaitzen aldebiko irakurketa egin du Shershnevak: "Batetik, herritarren %74k nahi du bertakoek eta atzerritarrek eskubide eta betebehar berdinak izatea; baina, oraindik ere galderak erantzun dituztenen laurdenak uste du lehentasuna bertakoek izan behar dutela". Hain justu, estereotipoetan igartzen da baliabide ekonomikoen gaineko uste hori: herritarren %39 ados daude migranteak dirulaguntzez aprobetxatzen direnaren zurrumurruarekin. Usteak ez baitatoz askotan bat errealitatearekin. Shershevak egin du oharra: "Urtero daude datu esanguratsuak atal hontan. Migrazioarekiko dagoen pertzepzioa errealitatean dagoenaren bikoitza da". Aurten, zehazki, inkestan parte hartu dutenek uste dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleen %20 direla atzerritar jatorrikoak; baina, errealitatean %10,9 dira. Jatorriari dagokionez ere, partziala da herritarren begirada: usteen arabera migratzaile gehienak magrebtarrak dira —%36—, baina, egiaz, Latinoamerikako jatorria dutenak dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako migratzaileen %72; beraz, ustea okerra da. Ekonomiarako onuragarri Iaz ere horixe izan zen datu esanguratsuenetakoa, eta aurten berretsi egin da joera: "Euskal gizarteak jarraitzen du pentsatzen migrazioa ezinbestekoa dela ekonomiarentzat", adierazi du Shershevak. Egin du ñabardura, ordea: "Jokabide utilitarista da: euskal herritarrek uste dute ezinbestekoa dela migrazioa, euskal gziarteak egin nahi ez dituen lanak betetzeko, edo beharrezkoak direlako euskal ekonomiari eusteko". Gainera, galderak erantzun dituztenek ez dute uste migranteek soldata jaisten dutenik, ezta langabezia igotzen dutenik ere —%22ak pentsatzen du, aldiz, baietz—. Hortaz, Artolazabalek azpimarratu du euskal gizarteak migrazioari buruz duen iritzia positiboa dela. Hala diote datuek: 0tik 10erako eskalan, 5,89koa da migrazioarekiko dagoen onarpena. Halaber, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleen arabera, jatorri diferenteetako pertsonen elkarbizitzarako, ezinbestekoa da alde biko ardura egotea —%86 dago ados horrekin—; baina inkestako parte hartzaileen hiru laurdenek uste du migranteek esfortzu handiagoa egin beharko luketela bertako ohitura eta legeetara egokitzeko. Are gehiago, %56k uste dute beren erlijioa alboratu beharko luketela bertako legedira egokitzeko. Genero ikuspegia aurrenekoz Koronabirusaren gaineko galderez gain, aurten beste aldagai bat ere txertatu diote txostenari: aurrenekoz gurutzatu dute genero ikuspegia gainontzeko emaitzekin, eta emaitza deigarria da. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako andreek, orohar, aukera kontserbadoreagoak hartu dituzte inkesta erantzuteko orduan.
2020-12-15
https://www.berria.eus/albisteak/191136/josu-urrutikoetxearen-elkarrizketa-berrian-aste-honetan.htm
Politika
Josu Urrutikoetxearen elkarrizketa BERRIAn aste honetan
BERRIAk atzo arratsaldean egin zion elkarrizketa ETAren ordezkari ohiari, Parisen.
Josu Urrutikoetxearen elkarrizketa BERRIAn aste honetan. BERRIAk atzo arratsaldean egin zion elkarrizketa ETAren ordezkari ohiari, Parisen.
BERRIAk Josu Urrutikoetxea ETAren ordezkari ohiaren elkarrizketa argitaratuko du aste honetan. Atzo arratsaldean egin zion, Parisen; zehazki, Enekoitz Esnaola kazetaria eta Lara Madinabeitia BerriaTBko arduraduna izan dira Urrutikoetxearekin, eta bake eta konponbiderako elkarrizketa prozesuez, euskal presoez, biktimez eta haren auzibideez aritu dira solasean. Joan den uztailaren bukaeratik kalean dago Urrutikoetxea (Ugao, Bizkaia, 1950), Frantziako Dei Auzitegiak baldintzapean aske utzi ondoren. Poliziak iazko maiatzean atxilotu zuen, Frantziako Alpeetan, ETArekin lotuta, eta Parisen espetxeratu zuten. Espainiako Estatuak ETAren ibilbidearen ikurtzat joa dauka, eta Madrilek Parisi haren aurkako bi euroagindu eta bi estraditazio eskatu zizkion iaz. Frantzia, berriz, bi epaiketa egitekoa da datorren urtean, etakide gisa bake elkarrizketekin lotuta. ETAk 1989ko eta 1999ko elkarrizketa mahaietara solaskide modura batzeko aukeratu zuen Urrutikoetxea. Ez zuen bilerarik egiterik izan —preso zegoen—. 2005-2006an, bai: Genevan (Suitza) eta Oslon. 2011-2013an ere ordezkari izan zen: Oslon.
2020-12-14
https://www.berria.eus/albisteak/191137/donostiako-amelia-jatetxeak-bere-lehen-michelin-izarra-lortu-du.htm
Bizigiro
Donostiako Amelia jatetxeak bere lehen Michelin izarra lortu du
Eneko Atxa Lisboa jatetxeari ere aurreneko izarra eman diote. Hiru izar izango dituzte aurrerantzean ere Azurmendik, Arzakek, Akelarrek eta Martin Berasategik.
Donostiako Amelia jatetxeak bere lehen Michelin izarra lortu du. Eneko Atxa Lisboa jatetxeari ere aurreneko izarra eman diote. Hiru izar izango dituzte aurrerantzean ere Azurmendik, Arzakek, Akelarrek eta Martin Berasategik.
Euskal Herriko sukaldari batek Portugalgo hiriburuan duen jatetxe bat saritu du Michelin gidak aurrenekoz: Eneko Atxa Lisboa da aurrerantzean Michelin izar bat izango duten jatetxeetako bat. Argentinako Paulo Airaudo sukaldariaren Amelia jatetxeak ere —Donostiako Kontxako pasealekuan dago eta luxuzko hotela ere bada)— bere lehen izarra bereganatu du. Gaur gauean egin dute Michelin izarrak banatzeko gala, Madrilen —Internet bidez eman dute—. Hiru Michelin izarrei eutsi diete Donostiako Arzak eta Akelarre jatetxeek, baita Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) Martin Berasategik eta Larrabetzuko (Bizkaia) Azurmendi jatetxeak ere. Pedro Subijana Akelarreko sukaldariak honela esan du: "2021ean ez dugu atzerapausorik emango". Aurten 50 urte bete ditu Akelarrek. Elena Arzak "oso eskertuta" azaldu da, eta Juan Mari Arzakek aipatu du "hunkituta" dagoela, 33 urte daramalako jatetxeak hiru izarrekin. Aurten Asier Altunak dokumental bat egin du Arzaken inguruan (Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten). Eneko Atxa eskertuta mintzatu da, Azurmendiko lantaldearekin eta Michelin gidarekin. Berasategik, bestalde, hau esan du: "Inoiz ezagutu dudan urterik zailena izan da. Baina oso indartuta aterako gara". Bi izarrei eutsi die Andoni Luis Adurizen Mugaritzek (Errenteria, Gipuzkoa) eta El Molino de Urdanizek (Urdaitz, Nafarroa). Eta lehendik zuten izar bakarrari eutsi diote, halaber, Hego Euskal Herriko beste hogei jatetxek ere. Bestetik, jasangarritasunaren Michelin izarrak eman dituzte aurreneko aldiz: Eneko Atxak bi jaso ditu, Larrabetzuko (Bizkaia) Azurmendi eta Eneko jatetxeetan egindako lanagatik.
2020-12-14
https://www.berria.eus/albisteak/191138/bi-atxilotu-donostian-ertzaintzaren-jarrera-salatzeko-egindako-mobilizazioan.htm
Gizartea
Bi atxilotu Donostian, Ertzaintzaren jarrera salatzeko egindako mobilizazioan
Atzo arratsalderako mobilizaziora deitua zuen Donostiako Parte Zaharreko Gazte Asanbladak, eta horren ostean izan ziren atxiloketak.
Bi atxilotu Donostian, Ertzaintzaren jarrera salatzeko egindako mobilizazioan. Atzo arratsalderako mobilizaziora deitua zuen Donostiako Parte Zaharreko Gazte Asanbladak, eta horren ostean izan ziren atxiloketak.
Europa Press agentziak jakinarazi du Ertzaintzak bi pertsona atxilotu dituela desordena publikoa egotzita. Joan den larunbatean, 21:00ak aldera, ertzainak Trinitate plazan sartu zirela eta jarrera oldarkorra izan zutela salatzeko egin dute manifestazioa. «Hasieratik oso modu oldarkorrean eta mehatxuka, plazan geunden gazte guztiak identifikatu eta miatuko gintuztela agindu ziguten, isunak jartzeko asmoz», adierazi dute deitzaileek manifestazioa iragartzeko agerraldian. Larunbateko istiluek Konstituzio plazan jarraitu zuten, eta ertzainek han identifikatu zituzten hainbat gazte; besteak beste, Poliziaren jarduna grabatzeagatik. Asanbladaren iritziz, «gazteen kriminalizazioaren beste adibide bat» da larunbatean jazotakoa, eta manipulazio mediatikoa egitea egotzi diete hainbat komunikabideri. Ertzaintza atzoko prentsaurrekora ere agertu zen, baina gazte bat identifikatu eta alde egin zuen. Atzo arratsaldeko mobilizazioaren ostean izan ziren atxiloketak.
2020-12-15
https://www.berria.eus/albisteak/191169/kronologia.htm
KRONOLOGIA
KRONOLOGIA.
Hona hemen Bateragune auzian gertaturikoen kronologia. Atxiloketak 2009-10-13. Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Rufi Etxeberria, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta, Txelui Moreno, Amaia Esnal, Mañel Serra eta Ainara Oiz atxilotu zituzten. 2009-10-16. Otegi, Diez, Jacinto, Rodriguez eta Zabaleta kartzelatzeko agindu zuen Baltasar Garzonek. 2010-4-26. Auzitegi Nazionalak Rafa Diez aske utzi zuen, 30.000 euroko bermea jarrita. Epaiketa 2011-6-27. Epaiketa hasi zen Espainiako Auzitegi Nazionalean. 2011-9-16. Otegiri, Diezi, Jacintori, Rodriguezi eta Zabaletari kartzela zigorra ezarri zien Auzitegi Nazionalak —Diez hiru egunera espetxeratu zuten—. Esnal, Moreno eta Serra absolbitu egin zituen. Defentsak kasazio helegitea jarri zuen. 2011-10-20. ETAk amaitutzat eman zuen jardun armatua. Gorenaren berrespena 2012-5-10. Zigor epaia berretsi zuen Gorenak. 2012-6-23. Gorenaren erabakiaren aurkako babes helegitea aurkeztu zuten. 2013-6-4. Auziko mamiaz erabaki artean zigortuak aske ez uztea erabaki zuen Konstituzionalak. 2014-7-22. Babes helegitea atzera botata, Zabaleta, Jacinto, Rodriguez eta Otegi preso mantentzea erabaki zuen Konstituzionalak. Zigorrak beteta, aske 2015-10-11. Zabaleta, Jacinto eta Rodriguez aske gelditu ziren, zigorra osorik beteta. 2016-3-1. Otegi aske geratu zen. 2017-8-17. Rafa Diez ere aske. Estrasburgoren sententzia 2018-11-6. Estrasburgok ebatzi zuen Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaimahaia ez zela inpartziala izan. 2018-11-15. Espainiako Auzitegi Gorenak Bateragune auziko epaiaren berrikuspen helegitea aurkezteko baimena eman zion defentsari. 2012ko sententzia indargabe geratzeko aukera zabaldu zuen horrek. Zigorrak bertan behera 2020-07-31. Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zituen 2012an auzitegi horrek berak berretsitako zigorrak. Epaiketa, berriro 2020-10-20. AVT-Verde Esperanza elkartearen eskariari erantzunez, Espainiako Auzitegi Nazionalak Bateragune auzia berriz egitearen aurka egin zuen. 2020-11-19. Epaiketa berriro egiteko eskatu zuen fiskaltzak. 2020-12-14. Espainiako Auzitegi Gorenak epaiketa berriro egitea erabaki zuen, aho batez.
2020-12-15
https://www.berria.eus/albisteak/191170/biden-laquobotere-gehiegikeriak-ez-dio-kalte-egin-aebetako-demokraziariraquo.htm
Mundua
Biden: «Botere gehiegikeriak ez dio kalte egin AEBetako demokraziari»
Hautatzaileen batzarrak hauteskundeetako garaipena berretsi ostean hitz egin du demokratak. Estatubatuarrei «aurrera egin eta bat egiteko» eskatu die, pandemiari aurre egite aldera, eta AEBetako erakundeen fidagarritasuna goratu du.
Biden: «Botere gehiegikeriak ez dio kalte egin AEBetako demokraziari». Hautatzaileen batzarrak hauteskundeetako garaipena berretsi ostean hitz egin du demokratak. Estatubatuarrei «aurrera egin eta bat egiteko» eskatu die, pandemiari aurre egite aldera, eta AEBetako erakundeen fidagarritasuna goratu du.
Bart, AEBetako hautatzaileen batzarrak baieztatu egin du Joe Bidenen garaipena presidentetzarako hauteskundeetan. Bozketak ez du ezer ezohikorik, baina, hauteskundeen emaitzak aldatzeko Trumpen asmoak direla eta, arreta handiz erreparatu beharrekoa zen atzokoa. Horren ostean, agerraldia egin du hautagai demokratak, eta Trumpek hauteskunde sistemaren inguruan sortutako ikamika amaitzen saiatu da: «Aurrera egin behar dugu. Herritarrok konfiantza izan dugu gure erakundeetan eta sisteman, eta AEBetako hauteskundeen sinesgarritasuna erabatekoa da oraindik ere. Zauriak sendatzeko garaia da orain». Errepublikanoak bozak mehatxupean jarri izana gaitzetsi du, eta saiakera hori onartezina dela esan ere bai. Atzoko bozketaren bezperan, Trumpek bozen emaitza aldatzeko asmoan jarraitu zuen, baina horretan ere huts egin zuen: AEBetako Auzitegi Gorenak uko egin zion azaroaren 3ko presidentetzarako hauteskundeen zenbaketa baliogabetzearen alde jarritako salaketa aztertzeari. AEBetako Kongresuak urtarrilaren 6an berretsiko du Bidenen garaipena, eta hilaren 20an hartuko du kargua demokratak. Orduan amaituko da Trumpen agintaldia. Herritarren borondatea Horri buruz, Bidenek kritikatu egin du «funtzionario talde bat hogei milioi boto indargabe uzten» saiatu izana eta hala hauteskundeak galdu zituen hautagai bati garaipena ematen saiatzea: «Ez dute herritarren borondatea errespetatu». Trumpi bere porrota aitortzeko eskatu dio beste behin. Azkenik, Bidenek esan du «guztien presidentea» izan nahi duela, bozkatu dutenena eta bozkatu ez dutenena, eta azaldu du gobernuaren lehen helburua pandemia kontrolatzea izango dela.
2020-12-15
https://www.berria.eus/albisteak/191171/beste-525-kasu-hegoaldean-eta-positibo-tasa-49an.htm
Gizartea
Beste 525 kasu Hegoaldean, eta positibo tasa %4,9an
Handitu egin da berriro positiboen kopurua: bezperan baino 121 kasu gehiago atzeman dituzte.
Beste 525 kasu Hegoaldean, eta positibo tasa %4,9an. Handitu egin da berriro positiboen kopurua: bezperan baino 121 kasu gehiago atzeman dituzte.
Berriro egin du gora COVID-19aren positibo kopuruak Hego Euskal Herrian: azken orduetan 10.606 proba diagnostiko egin dituzte Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan (PCR eta antigeno testak), eta horietatik 525k eman dute positibo. Aurreko eguneko kopurua baino handiagoa da hori; zehazki, 121 kasu gehiago dira. Hala ere, kontuan hartu behar da proba diagnostiko gehiago egin zirela atzo igandean baino: hain justu 3.884 PCR eta antigeno proba gehiago egin ziren. Horiek hala, positibo tasa %4,9koa da orain Hego Euskal Herrian. Herrialde guztietan egin dute gora positiboek. Arabak erregistratu du positibo kopururik apalena: 95, bezperan baino 24 gehiago. Nafarroan 102 atzeman dituzte (34 gehiago); Gipuzkoan, 147 (32 gehiago); eta Bizkaian, 176 (31 gehiago). Osakidetzak eta Osasunbideak emandako datuen arabera, oraintxe 596 daude ospitaleratuak COVID-19 gaitzarekin, bezperan baino 36 gutxiago. Eta ZIUetan 122 lagun daude, aurreko egunean baino hamabi gutxiago. Pandemiaren egoera ez da ona, eta kurba nekez apaltzen ari da Hegoaldean. Gaur, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak ohartarazi du datuen bilakaerak «arriskua» ekarriko balu Jaurlaritzak ez duela baztertzen urtarrilaren 11 baino lehen neurriak gogortzea.
2020-12-15
https://www.berria.eus/albisteak/191172/preso-trukea-egin-dute-armeniak-eta-azerbaijanek.htm
Mundua
Preso trukea egin dute Armeniak eta Azerbaijanek
Azerbaijanek berretsi du heldu direla herrialdera Armeniak askatutako lehen soldaduak, 2014tik preso zeudenak.
Preso trukea egin dute Armeniak eta Azerbaijanek. Azerbaijanek berretsi du heldu direla herrialdera Armeniak askatutako lehen soldaduak, 2014tik preso zeudenak.
Astelehenean hasi zuten Armeniak eta Azerbaijanek preso trukea. Bakuk jakinarazi zuen atzo heldu zirela herrialdera 2014tik Armenian preso zituzten hainbat soldadu. Preso trukea Errusiak bultzatutako su-etena indarrean sartu eta hilabetera abiatu dute bi aldeek. Hala ere, estatuek ez dute zehaztu zenbat preso askatuko dituen bakoitzak. Karabakh Garaiaren kontrola eskuratzeko borrokak irailean lehertu diren, Azerbaijanek eraso zionean. Gatazkak iraun zuen sei asteko tartean 5.000 pertsona baino gehiago hil zituzten, soldaduak gehienak. Azaroaren 10ean sartu zen indarrean Errusiak bultzatutako menia, eta, bi aldeek onartutako akordioaren arabera, Bakuren menpe geratuko lirateke Karabakh Garaiaren zati handi bat eta haren inguruko hainbat lur eremu, aurrez Armeniaren kontrolpean zeudenak. Armeniarrak, ordea, ez ziren ados agertu Nikol Paxininian lehen ministroak sinatutako hitzarmenarekin, nahiz eta hark adierazi proposamena onartu ezean Karabakh Garai osoa bereganatuko zukeela Azerbaijango Gobernuak. Su-etenak, hala ere, ez ditu borrokak erabat eten. Bi aldeek elkarri egotzi diote erasoak egin izana, akordioa indarrean sartu ostean ere. Errusiak, berriz, soldaduak bidali ditu mugara, hitzarmena betetzen dela bermatzeko helburuarekin.
2020-12-15
https://www.berria.eus/albisteak/191173/kutsatze-foku-bat-atzeman-dute-txagorritxu-ospitalean.htm
Gizartea
Kutsatze foku bat atzeman dute Txagorritxu ospitalean
Osasun Sailak esan du ospitaleratze gune batean «positibo batzuk» atzeman direla, eta horiek detektatu bezain laster birusaren hedapena geldiarazteko prebentzio neurriak jarri direla martxan.
Kutsatze foku bat atzeman dute Txagorritxu ospitalean. Osasun Sailak esan du ospitaleratze gune batean «positibo batzuk» atzeman direla, eta horiek detektatu bezain laster birusaren hedapena geldiarazteko prebentzio neurriak jarri direla martxan.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez, Gasteizko Txagorritxu ospitaleko ospitaleratze eremu batean «positibo batzuk» detektatu dituzte. Kasuen berri izan duenean, Osakidetzak martxan jarri ditu birusaren hedapenari aurre egiteko protokoloak: ospitaleratze unitatea goitik behera garbitu dute, eta kutsatutako pertsonen gertuko kontaktuak identifikatu dituzte. Gainera, ospitaleko langile guztien artean baheketa bat egingo dute. Osasun Sailak ohar batean eman du kutsatze fokuaren berri, eta lasaitasun mezua bidali du: «Gizartearen esparru guztietan bezala, osasun arloan ere kutsadurak egon daitezke. Garrantzitsuena da garaiz detektatzea eta behar diren neurriak hartzea profesionalen eta pazienteen segurtasuna bermatzeko». Jaurlaritzak gaineratu du positibo kasuek ez diotela eragingo erietxearen ohiko jarduerari, eta ziurtatu du erietxea «normaltasunez» ari dela zerbitzua ematen. Araban COVID-19ari aurre egiteko erreferentziazko ospitalea da Txagorritxu. Gogoratu behar da otsailean Txagorritxu izan zela gaitzaren foku nagusia: kutsatutako lehen kasua otsailaren 28an baieztatu zela ospitale horretan. Gasteizko ospitalean ez ezik, beste ospitale batzuetan ere izan dira kutsatze fokuak azken hilabeteotan. Besteak beste, Basurtuko ospitalean, Donostia ospitalean eta Aita Menni ospitalean (Arrasate, Gipuzkoa) detektatu izan dituzte.
2020-12-15
https://www.berria.eus/albisteak/191174/kamioilari-bat-hil-da-andoainen-ibilgailuak-su-hartu-duela-eta.htm
Ekonomia
Kamioilari bat hil da Andoainen, ibilgailuak su hartu duela eta
Arazo bat izan du balaztekin, eta A-15eko frenatze gune batean sartu behar izan du. Aurten hildako hamahirugarren garraiolaria da, sindikatuen arabera.
Kamioilari bat hil da Andoainen, ibilgailuak su hartu duela eta. Arazo bat izan du balaztekin, eta A-15eko frenatze gune batean sartu behar izan du. Aurten hildako hamahirugarren garraiolaria da, sindikatuen arabera.
Kamioi baten gidaria hil da astearte goizean Andoainen (Gipuzkoa), matxura batek eragindako istripu batean, ibilgailuak su hartuta, Ertzaintzak jakinarazi duenez. 08:00etan izan da istripua, A-15ean, Donostiarako norantzan, Andoainera iritsi aurretik dagoen frenatze bidean. Kamioiak beste bi kamioi buru zeramatzan. Maldan behera zihoala, arazoak izan ditu balaztekin, eta, ondoren, su hartu du. Suhiltzaileek sua itzali ondoren, kamioiaren kabinaren barruan aurkitu dute gidariaren gorpua. Bestalde, LAB sindikatuak jakinarazi du urrian lanetik etxerako bidean zihoala auto istripua izan ostean zauritu zen Papelera Zikuñagako (Hernani, Gipzukoa) 23 urteko langilea abenduaren 12an hil zela, istripuak eragindako lesioen ondorioz. Bi horiek gehituta, Euskal Herrian gutxienez 68 langile hil dira aurten, sindikatuen zenbaketaren arabera. Hamahiru garraiolariak ziren. Lan heriotzak salatzeko, gehiengo sindikalak mobilizazioa antolatu du ostiralerako, Eusko Jaurlaritzak Donostian duen egoitzaren aurrean, 11:00etan.
2020-12-15
https://www.berria.eus/albisteak/191175/otegi-laquoauzi-politiko-bati-buruz-hitz-egiten-ari-gararaquo.htm
Politika
Otegi: «Auzi politiko bati buruz hitz egiten ari gara»
Auzitegi Gorenak Bateragune auziko</em> epaiketa berriro egitea erabaki ondoren, ebazpenari erantzuteko agerraldia egin dute, EH Bilduren egoitzan.
Otegi: «Auzi politiko bati buruz hitz egiten ari gara». Auzitegi Gorenak Bateragune auziko</em> epaiketa berriro egitea erabaki ondoren, ebazpenari erantzuteko agerraldia egin dute, EH Bilduren egoitzan.
Espainiako Auzitegi Gorenak oraindik ez du erabakiaren inguruko ebazpena argitaratu, baina eragile politiko eta alor juridikoko aditu asko harritu zituen erabaki bat hartu zuen atzo: Bateragune auziko epaiketa berriro egitea, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebatzi eta gero auzipetuek ez zutela epaiketa justurik izan, Angela Murillo epailea ez zelako «inpartziala» izan. Auzitegi Gorenaren erabakiari buruzko balorazioa egin du Arnaldo Otegik, EH Bilduren egoitzan. Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren esanetan, auzipetuek ez dute oraindik epaiketaren errepikapenaren inguruko informaziorik jaso. Hala, erabakia «termino mediatikoetan» neurtzeak «intentzio bat» erakusten duela uste du. Gainera, kontzeptu teorikoetatik haratago, «afera politiko bat» dela argudiatu du Otegik: «Hauteskundeak galtzen dituenean, Espainiako eskuina botere faktikoetan errefuxiatzen da: militarretan, komunikabideetan eta judikaturan. Badago bloke politiko bat, militar bat eta togadun bat. Horiek guztiak dira 78ko erregimena, inpugnatzen duguna». Atzoko erabakiaren atzean EH Bilduk osatzen duen «fronte zabala» indartu izana dagoela adierazi du Otegik: «Lehentasuna da ezker subiranista jotzea eta haren lidergoa kriminalizatzea; zergatik? Zorionez, fronte zabal hau indartu egin delako, indarrak metatu ditugulako, gero eta gehiago garelako eta, hori gutxi balitz, gure influentzia politikoa handituz doalako. Hori jasanezina zaio 78ko erregimenari. Horregatik, haren helburua da ezker subiranistaren lidergoa kriminalizatzea». Halere, nabarmendu du eurek ez direla «milimetro bat» mugituko, konfiantza osoa duelako: «Egiten ari garenaren gainean eta gure herrian». EH Bilduko koordinatzaileak gogoratu du Voxen eskaera aintzat hartzearen ondorioz iritsi dela erabakia, eta nabarmendu du Espainiako eskuina «botere faktikoetan» errefuxiatu dela: «Militarrean, komunikabideetan eta judikaturan». Horiek «inpugnatzen» dituztela ere azpimarratu du: «Konfiantza izan dezala esaten diogu jendeari; zerbait ongi egiten ari gara horrelako jazarpena jasateko. Aukeratu dugu hazteko modua ematen digun bide bat, eta ez gara desbideratuko». Gorenaren erabakiari beste helburu batzuk ere antzematen dizkio Otegik; batetik, uste du «desegonkortze estrategia bat» dagoela estatuan, «eta eskura dituzten baliabide guztiak» erabiliko dituztela horretarako. Horrez gain, Kataluniari begirako xede bat ere nabari du: «Mezu bat bidali nahi da, itxaropen oro galtzeko, Auzitegi Gorena prest dagoelako Estrasburgoko auzitegiari berari desobeditzeko». Balorazio juridikoak saihestu nahi izan ditu Otegik, argudiatuta oraindik ez dutela erabakiaren ebazpena ere jaso eta abokatuei dagokiela hori egitea. Halere, pausoak emango dituztela iradoki du: «Gorenak erabaki du beste partida bat hastea, eta pieza bat mugitu du. Baina hau ez da bukatu, eta besteok ere piezak mugituko ditugu». Eba Blanco EAko idazkari nagusiak ere hartu du hitza, azpimarratzeko atzoko erabakiak ez duela soilik zerikusia ezkerreko independentismoarekin: «Demokraziaren, justiziaren aurkako erasoa da». Hala, oraingoan Bateragune auziko bost auzipetuak izan diren arren, bihar «demokrazia defendatzen duen edonor» izan daitekeela adierazi du. Gauzak hala, erabakiari erantzuteko deia egin die «Euskal Herriko, Kataluniako, Galiziako eta Espainiako herritar guztiei, printzipio demokratikoetan sinesten dutenei». Erantzunak «proportzionala» izan behar duela uste du Blancok, eta Europari ere dei egin dio «oinarrizko askatasunen aurkako erasoari» erantzuteko. Hala, mobilizazioetan parte hartzera deitu du: «Ez gaituzte geldituko, ezta isilduko ere». Garzon: «Izugarria da» 2009ko urrian atxilotu zituzten auzipetutakoak, ETAren aginduetara Batasuna berreraikitzen saiatzea egotzita, eta 2011n epaitu zituzten Auzitegi Nazionalean. Arnaldo Otegik, Rafa Diezek, Sonia Jacintok, Miren Zabaletak eta Arkaitz Rodriguezek osorik bete zituzten Gorenak 2012an berretsitako zigorrak —31 urte guztira—. Gorenak berak zigor horiek baliogabetu zituen udan. Bateragune auzia abiatu zuen Polizia operazioa Baltasar Garzon epaileak agindu zuen, eta Garzon bera gogor mintzatu da azken orduetan Auzitegi Gorenaren erabakiaren aurka: «Ez daukat argi. Berme bat aldarrikatuz, sententzia bertan behera utziz, beste epaiketa bat dago orain, eta aztertu beharko dira mugak; edonola ere, ezingo da zigorra gogortu; berdina izan beharko luke, edo absoluzio bat. Prozesuaren karga bera ez da onargarria. Beste soluzio bat planteatu behar zen, berrikuspenak berak dakarrena; epaia bertan behera geratzen da, zigorra bete da, eta, hala badagokio, kalte-ordainak planteatzen dira. Arazo konplexua da. Izugarria da, inor ez baita ausartuko berrikusteko helegite bat planteatzera, gero berriro epaitua izan daitekeelako». Egiguren: «Justiziaren parte jakin batzuk gerran daude gobernuarekin» Gaiaz hitz egin du PSE-EEko presidente ohi Jesus Egigurenek ere. Egigurenek solaskide izan zuen Otegi 2005-2007ko arteko bake elkarrizketen abiapuntuan, eta, Otegiren aurkako auzia berriz zabalduta, Egigurenek uste du «eskuina hariak erabiltzen ari dela justizian, politikan eragiteko». Radio Euskadin mintzatu da, eta «harrituta» azaldu da Auzitegi Gorenaren erabakiarekin, baina ez du uste, denbora aldetik ere, garaia «kasualitatea» denik: «Prozesu judizial bat baino gehiago, honek Kafkaren prozesu bat dirudi». «Hain da absurdoa, ez baitut ulertzen. Auzia hain da printzipio konstituzionalen aurkakoa, ez baita beharrezkoa izango inork auzipetuen alde egitea». Bestelako iritzia du, ordea, Pablo Casado PPko presidenteak: «Otegi terrorismoagatik epaituko dute. Ez da bake gizona, ez du estatuaren zuzendaritzan egon behar, eta harekin ados jartzea ez da demokraziaren garaipena». Auzia berriro zabaltzeko erabaki horretan, esanguratsua izan da fiskalaren rola. Izan ere, AVT-Verde Esperanza biktimen elkarteak Auzitegi Nazionalera jo zuen, beste epaimahai bat izendatuta auzia berriz egin zedila eskatzeko. Auzitegi Nazionalak ez zuen onartu: argudiatu zuen, besteak beste, epaiketa berriz egiteak ez lukeela lege babesik —Espainiako Prozedura Kriminaleko Legeak ez du halakorik aurreikusten— eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiak dioela «pertsona interesdunek» eskatuta soilik egin daitekeela auzia berriro. Alegia: Otegik, Diezek, Jacintok, Rodriguezek eta Zabaletak hala eskatuta egin daitekeela; ez bertzela. Illana Navia Osorio Espainiako Auzitegi Goreneko fiskalak bertzelako bertsio bat eman zuen azaroan, Goreneko presidente Manuel Marchenak irailean irekitako probidentzia bati erantzunez. Hain zuzen, fiskalak, Bateraguneko auzipetuek 2011ko sententziari aurkezturiko kasazio helegiteari erantzunez, eskatu zuen auzia berriro egin zedila. Bere burua kontraerraten ari da fiskala: izan ere, defentsak jarritako berrikuspen helegitea tramitatzerakoan, fiskalak ez zuen halakorik eskatu. Epaia bertan behera gelditzea baino ez zuen galdegin orduan; eta, orain, berriz, epaiketa berriro egitea nahi du. Kontraesan bikoitza dago, beraz: batetik, irizpide ezberdinak dituzte Auzitegi Nazionaleko eta Goreneko fiskalek; eta, bestetik, Goreneko fiskal Navia Osoriok hasieran eskatu ez zuen zerbait galdegin du orain.
2020-12-15
https://www.berria.eus/albisteak/191177/boko-haramek-bere-gain-hartu-du-nigeriako-ehunka-ikasleren-bahiketa.htm
Mundua
Boko Haramek bere gain hartu du Nigeriako ehunka ikasleren bahiketa
Gutxienez 300 ikasle bahituta daude oraindik. Abubakar Shekau talde islamistako liderrak baieztatu du erasoaren atzean daudela.
Boko Haramek bere gain hartu du Nigeriako ehunka ikasleren bahiketa. Gutxienez 300 ikasle bahituta daude oraindik. Abubakar Shekau talde islamistako liderrak baieztatu du erasoaren atzean daudela.
"Abubakar Shekau naiz, eta gure anaiak daude Katsinako bahiketaren atzean", jakinarazi du Abubakar Shekau Boko Haram Nigeriako talde jihadistako buruzagiak, HumAngle atarira bidalitako audio bidezko mezu batean. "Islama sustatzeko eta islamarekin lotu gabeko praktikak errefusatzeko" egin zuten erasoa, Shekauk dioenez, "Mendebaldeko hezkuntza ez baita Alak eta profeta santuak baimentzen dutena". 300 ikasle baino gehiago ditu bahituak talde islamistak, joan den ostiralean Kankara hiriko bigarren hezkuntzako ikastetxe bati eraso egin ostean. Katsina estatuko agintariek jakinarazi zuten erasoaren unean 839 ikasle zeudela ikastetxean, baina horietatik 400 baino gehiago aske daude. Orain arte, Boko Haramek ez du tamaina horretako erasorik egin Nigeria ipar-mendebaldean, eta herrialdearen ipar-ekialdean zentratu ditu bere ekintzak. Katsina estatuko gobernadore Aminu Bello Masari herrialdeko presidente Muhammadu Buharirekin bildu zen atzo, gertakariari erantzuteko. Bilkuraren ostean igorritako ohar batean, Bello Masarik adierazi zuen bahitzaileekin kontaktuan zeudela, eta segurtasun irizpideak eta ikasleak euren etxeetara itzultzeko prozedura eztabaidatzen ari zirela. Boko Haramek HumAngle atariari ziurtatu dionez, ordea, talde islamistak ez du inolako eskakizunik egin, eta ez dute ikasleak askatzeko baldintzarik jarri. 'Itzul iezazkiguzue gure mutilak' 2014an, Boko Haramek 276 neska gazte bahitu zituen Chibok hirian, eta egun, oraindik, desagertuta daude horietatik gutxienez 112. Herrialdea astindu zuen gertakari hark. Sare sozialetan erabiltzaile asko hasi dira Kankaran gertatu dena orduko harekin alderatzen, eta elkartasun mezuak zabaltzen ari dira, #BringBackOurBoys (Itzul iezazkiguzue gure mutilak) traolarekin —#BringBackOurGirls (Itzul iezazkiguzue gure neskak) kanpainarekin erantzun zion herritar askok Chibok hirian gertatutakoari—.
2020-12-15
https://www.berria.eus/albisteak/191178/laboral-kutxaren-ustez-2021eko-bigarren-hiruhilekoan-hasiko-da-suspertzen-ekonomia.htm
Ekonomia
Laboral Kutxaren ustez, 2021eko bigarren hiruhilekoan hasiko da suspertzen ekonomia
2021ean Hego Euskal Herriko BPGa %7 igoko dela iragarri du bankuak, aurtengo beherakada baino gutxiago: -%10,2 EAEn eta -%9,5 Nafarroan
Laboral Kutxaren ustez, 2021eko bigarren hiruhilekoan hasiko da suspertzen ekonomia. 2021ean Hego Euskal Herriko BPGa %7 igoko dela iragarri du bankuak, aurtengo beherakada baino gutxiago: -%10,2 EAEn eta -%9,5 Nafarroan
2021eko errebote efektua ez da aski izango pandemiak eragin duen kalte ekonomikoa konpontzeko. Laboral Kutxaren arabera, 2021ean BPGa %7 igoko da Hego Euskal Herrian; aurten, berriz, %10,2 jaitsiko da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %9,5 Nafarroan. Susperraldia, gainera, ez da bat-batekoa izango. Espero dute lehen hiruhilekoan «oso garrantzitsua» izango den txerto kanpainari ekitea, baina oraindik orain transmisioa eragozteko neurri murriztaileak hartu behar izatea. «Gure ikuspegitik, bigarren hiruhilekotik aurrera hasiko da benetan ekonomia irmo hazten, eta urte erdirako, txerto prozesua aurreratuta egongo den heinean, normaltasunerantz abiatuko gara», azaldu du Joseba Madariaga Laboral Kutxako ikerketa bulegoko arduradunak. Hori da Laboral Kutxak 2021era begira marrazten duen jokaleku ekonomikoa, baina Madariagak berak aitortu du «akats tarte handia» duela, oraindik orain ez direlako bere sakonean nabaritu pandemiak suntsitutakoak. «Enpresei eta aldi baterako lan erregulazioko espedienteen bidez langileei emandako laguntzak desagertzen direnean, pandemiak ekoizpen ehunean eragindako kaltea ikusiko dugu, eta ez dugu kolpean ikusiko, apurka baizik». Horregatik, langabeziak gora egitea espero du Laboral Kutxak, baina nahiago izan du zifrarik ez eman. Egun aldi baterako lan espedientean diren guztiak landun gisa kontabilizatzen direnez, ezin da jakin langabezia zenbateraino igo daitekeen. Enpleguari dagokionez, aurten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %8,7 eta Nafarroan %8,2 jaistea espero du, eta 2021ean errebote bat jotzea, nahiz eta ez den aski izango aurtengo jaitsiera konpentsatzeko: EAEn, %6ko igoera, eta Nafarroan, %6,2koa. Hala ere, Laboral Kutxak argi du gobernuek zenbat neurri hartu behar izan dituzten, aldi baterako espedienteak barne, zeinak behar-beharrezkoak izan baitira. Madariagak aitortu du etorkizuneko belaunaldiei faktura utziko dietela, zorra nabarmen handituko delako: «Hobe da etorkizunerako zorra uztea, etorkizunik ez izatea baino». Sektoreka, Laboral Kutxaren ustez, konfinamendua altxatu zenez geroztik, maiatzetik, industria «nabarmen» suspertu da Hego Euskal Herrian; «besteak beste, neurriek ez dutelako sektorean eragin». Irailera arte, industria jarduera martxoko datuekin alderatuta %5,7 erori da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %4,5 Nafarroan. Kanpo merkataritzan eragina handiagoa izan da, batik bat Europako Batasunera egindako esportazioetan. Adibidez, irailera arte Nafarroako esportazioak %14 erori dira, eta lurraldean pisu handia duen Volkswagenek produkzioa murriztea ere nabaritu du: auto esportazioak %15,7 jaitsi dira irailera arte. Zerbitzuetan kalte handiena Aitzitik, koronabirusaren transmisioari aurre egiteko hartu behar izan diren neurriek bete-betean eragin diote zerbitzuen sektoreari. «Aurrekoarekin alderatuta, krisi hau oso desberdina da. Aurrekoa nazioartetik etorri zen, eta industriari eragin zion. Honetan, industriari ere eragin dio, baina suspertzen ari da, eta Europarekin alderatuta pandemia aurreko egoeratik gertuago dago. Aldiz, zuzen-zuzenean jo du zerbitzu sektorean, eta ehun ekonomikoan eragindako suntsiketa hor izango da, eta kontuan izan behar dugu lanpostu ugariko sektorea dela. Ondorioz, suspertze orokorra motelagoa izan daiteke». Horrek guztiak ziurgabetasuna eragiten dute eragile ekonomikoetan, hala sendietan nola enpresetan. «Kontsumitzaileen konfiantza gutxienetako mailatan dago. Logikoki lan merkatua nola egongo den begira daude, eta elementuok kontsumoaren inguruko erabakiak atzeratzera eramaten ditu». Madariagaren ustez, pandemiaren kalte ekonomikoa handia ez balitz eta bigarren hiruhilekotik suspertzea egiaztatzen bada, urte amaierarako konfiantza itzul daiteke. «Ez dakigunez ehun ekonomikoa zenbat suntsituko den, eta kalte hori zerbitzuetan kontzentratuko denez, susmatzen dut 2021ean kontsumitzaileak zuhur azalduko direla. Kontsumo prezioak bederen ez dira nabarmen igoko. Laboral Kutxak aurreikusi du 2021ean zenbaki positiboetara itzuliko dela: Nafarroan batez beste %0,7 igoko direla iragarri du, eta EAEn, %0,6. Inflazioa kontrolpean izango den heinean, Europako Banku Zentralak egungo diru politikari luzaroan eusten ahalbidetuko diola uste du. Europako laguntzak Ibon Urgoiti Laboral Kutxaren negozio bilakaerako arduradunak eta Joseba Madariaga bankuaren ikerketa batzordeko zuzendariak eman dituzte datuak. Nahiz eta pandemiaren zauria zenbateraino den sakona ez jakin, alde baikorrari begira, Madariagak azpimarratu du Europako Batatasunaren Next Generation laguntza eta mailegu programak garrantzi berezia izango duela. «Lehen errege magoa» direla deskribatu du grafikoki. Espainiako Gobernuak lehen gidalerro bat aurkeztu badu ere, ikusteko dago EBtik lehenik Espainiara eta ondoren Hego Euskal Herrira zenbat diru iritsiko den. «Ezin dugu oraingoz gauza handirik jakin. Badakigu Espaniako Gobernuak 2021ean 26.600 milioi euro baliatu nahi dituela, baina ez dakigu askoz gehiago. Falta da jakitea zer proiektu, nola erabiliko den erkidegoetan, zer gobernantza eredu ezarriko den...».
2020-12-15
https://www.berria.eus/albisteak/191179/filipinak-ikertzeko-nahikoa-oinarri-dago-nazioarteko-zigor-auzitegiaren-esanetan.htm
Mundua
Filipinak ikertzeko nahikoa oinarri dago, Nazioarteko Zigor Auzitegiaren esanetan
Fiskaltzak atariko ikerketa hasi zuen 2018ko otsailean, droga trafikoaren kontrako borrokarekin lotutako gizateriaren kontrako krimenengatik.
Filipinak ikertzeko nahikoa oinarri dago, Nazioarteko Zigor Auzitegiaren esanetan. Fiskaltzak atariko ikerketa hasi zuen 2018ko otsailean, droga trafikoaren kontrako borrokarekin lotutako gizateriaren kontrako krimenengatik.
Filipinak gizateriaren kontrako krimenengatik ikertzeko nahikoa zantzu dago, Nazioarteko Zigor Auzitegiak gaur adierazi duenez. Rodrigo Duterte presidentearen agintean narkotrafikoaren kontrako borrokari lotutako gertaerak «arrazoizko oinarria» dira, auzitegiaren iritziz, ikerketa bat abiatzeko. 2016ko uztailaren 1etik 2016ko martxoaren 16ra bitartean, estatuak «hilketak, torturak, lesio fisiko larriak eta kalte mentalak eragin zituzten ekintza ankerrak» egin zituela uste du Fatou Bensouda auzitegiko fiskalak. Datu ofizialen arabera, 8.000 susmagarri baino gehiago hil dira droga trafikoaren kontrako operazioetan. Giza eskubideen aldeko hainbat elkartek, baina, hildakoen kopurua 30.000 ingurukoa dela kalkulatu dute. Estatuko indar armatuei eta sikarioei leporatzen dizkiete hilketak. Salatu dutenez, narkotrafikoaren kontrako borrokaren zigorgabetasun giroa baliatu dute droga kontuak kitatzeko. Presidenteak berak edozein susmagarriren kontra tiro egitera animatu zituen estatuko indarrak. Filipinei buruzko kasua atariko azterketa fasean dago, eta fiskalak ez du argitu oraindik ikerketa formal bat hasiko al duen hemendik gutxira, COVID-19aren pandemia dela eta. «Bulegoak aurreikusten du 2021eko lehen erdian erabakiko duela Filipinetako kasuari buruzko ikerketa bat hasteko baimena eskatu ala ez». Bensoudak berak 2020aren hasieran adierazi zuen urtea amaitu aurretik hasiko zuela ikerketa. Ikerketa bat abiatu aurretik, Nazioarteko Zigor Auzitegiak baieztatu behar du Filipinetako justiziak ez duela gaitasunik edo borondaterik izan krimenen arduradunak auzipetzeko. «Gure informazioek adierazten dute ikerketa eta auzipetze kopuru mugatu bat izan dela nazio mailan, drogen kontrako borrokan gertatu ziren delituen egileen kontra», azaldu du Bensoudak. Orain arte, zigor epai bakar bai izan da gertakari horiekin lotuta. 2018an, hiru polizia zigortu zituzten bizi osoko espetxera, 2017an hamazazpi urteko mutiko bat hiltzeagatik. Edre Olalia NUPL Herriaren Abokatu Sindikatu Nazionalaren presidentearen esanetan, fiskalaren txostena «itxaropen izpi bat» da. Nazioarteko Zigor Auzitegian ikerketa bat martxan jarriko den argitu artean, justizia eskatzen jarraitzera deitu du Cristina Palabay Karapatan giza eskubideen aldeko elkarteen sareko koordinatzaileak, «Duterteren administrazioak Filipinetako herriaren kontra egindako krimen basatiengatik». NUPLk eta Karapatanek hainbat salaketa aurkeztu dituzte Nazioarteko Zigor Auzitegian, beste elkarte batzuekin batera. Salaketa horietan, Duterteri leporatzen diote hilketak sustatzea eta, beraz, gizateriaren kontrako krimenen arduradun izatea. Auzitegiak Filipinetako kasuari buruzko atariko ikerketa jarri zuen abian 2018ko otsailean, eta hilabete geroago, martxoaren 16an, herrialdeak auzitegiko estatu kide izateari utziko ziola iragarri zuen Dutertek. Urtebete geroago atera zituen Filipinak nazioarteko auzitegitik. Hori dela eta, auzitegiak eskumena du 2019ko martxoaren 16ra arteko krimenak ikertzeko.
2020-12-15
https://www.berria.eus/albisteak/191180/bizik-ekintza-bat-egin-du-miarritzeko-herriko-etxeak-legea-urratzen-duela-salatzeko.htm
Gizartea
Bizik ekintza bat egin du Miarritzeko Herriko Etxeak legea urratzen duela salatzeko
Arraberritzen ari diren Kennedy etorbidean ez dute ezarri bizikleta biderik. Bidea tindatu du Bizik, legea aplikatzea eskatzeko.
Bizik ekintza bat egin du Miarritzeko Herriko Etxeak legea urratzen duela salatzeko. Arraberritzen ari diren Kennedy etorbidean ez dute ezarri bizikleta biderik. Bidea tindatu du Bizik, legea aplikatzea eskatzeko.
«Gure lehenbiziko abisu publikoa da, baina ez gara horretan geldituko. Ikusi beharko dugu obrak hastean legea errespetatzen duten. Hala ez bada, obrak blokeatuko ditugu, ez baitugu beste hauturik». Hala mintzatu da Antton Hariñordoki Biziko militantea. Goizean, Miarritzeko (Lapurdi) Kennedy etorbidean bildu dira hainbat militante, Maider Aroztegi auzapezari legea errespetatzea eskatzeko. Izan ere, Ingurumen Kodearen L228-2 artikuluaren arabera, beharrezkoa da errepideak arraberritzean bizikletentzako bidea ere ezartzea. Miarritzeko Herriko Etxeak obrak abiatu ditu Kennedy etorbidean; ez du, ordea, bizikletentzako pasabiderik utzi. Bestalde, Bizik oroitarazi du Maider Aroztegik herriko bozetan Metamorfosi Ekologikorako Ituna izenpetu zuela. Hariñordoki: «Maider Aroztegi bere hitza jaten ari da; delituzkoa da, kriminala da. Klima aldaketaren gainbehera ekiditeko azken xantzak desagerrarazten ari dira. Kriminala da: ehunka mila pertsonaren heriotza ekar dezake horrek». 21 militantek egin dute ekintza, COP21 biltzarretik bost urte pasatu direla oroitarazteko, eta klima larrialdia «berehalakoa» delako. Zirkulazioa eten dute lehenik, eta bidea tindatu dute legearen aplikazioa eskatzeko. Legea errespetatu: Kennedy hiribidean arraberritzeak Ingurumenaren Kodeko L228-2 artikulua errespetatu behar du! irakur zitekeen bide gainean. Frantziako Polizia hurbildu zaie ekintzaileei, baina segurtatu die «esku hartzerik ez» zela izanen. Hala, ekintza bukatutzat jo du Bizik: «Polizia ez da jin gure ikustera; horrek ongi erakusten du Herriko Etxeak kontzientzia txarra duela». Hainbat bide jorratu ditu Bizik «herritar desobedientziaren» hautua egin aitzin. Prefeturari ardurak hartzeko eskatu zioten iragan urrian, obrak abiatu zituztenean. Geroztik, Maider Aroztegiri gutun bat helarazi zioten, baina ez dute erantzunik jaso. «Ez dugu beste hauturik», deitoratu dute. Miarritzetik harago Ipar Euskal Herriko beste auzapezei ere eman diete abisua. «Iparraldeko auzapez guziei zuzendutako mezua da. Bi gauzatan adi egonen gara. Ingurumen Kodea errespetatu behar dute osoki: ez dugu onartuko horren parte bat ezabatu edo gorde dezaten. Bestetik, Metamorfosi Ekologirako Ituna izenpetu dute hainbat auzapezek; bozak ekarri dizkie horrek. Itun horrek zazpi neurri zerrendatzen ditu. Horietarik bat da bizikletendako bide egokiak egitea. Erne egonen gara», hitz eman du Hariñordokik.
2020-12-15
https://www.berria.eus/albisteak/191181/gastu-erreala-700-milioi-euro-handituko-du-jaurlaritzak-datorren-urtean.htm
Ekonomia
Gastu erreala 700 milioi euro handituko du Jaurlaritzak datorren urtean
«Austeritatetik urrun dauden aurrekontuak dira, austeritatearen aurkakoak», azaldu du Azpiazuk.
Gastu erreala 700 milioi euro handituko du Jaurlaritzak datorren urtean. «Austeritatetik urrun dauden aurrekontuak dira, austeritatearen aurkakoak», azaldu du Azpiazuk.
Inoiz Eusko Jaurlaritzak izandako aurrekonturik handiena izango du 2021ean Eusko Jaurlaritzak. Guztira, 12.442 milioi euro izango dira, iaz baino 668 milioi gehiago (+%5,7). Baina, finantza gastuak kenduz gero —zorra ordaintzeko gastatutakoa—, are gehiago handituko da aurrekontua: 770 milioi izango dira, %7,1 gehiago. Gastu horren zati handi bat osasunera (+232 milioi) eta hezkuntzara (+169 milioi) joango da. COVID-19 programa berezi bat izango da, sail desberdinen artean banatzekoa, eta 542 milioi euro izango ditu. Ikerketa eta Garapenaren atala ere indartzea erabaki du Gasteizko gobernuak: urtero %6 handituko zuela agindu zuen Iñigo Urkulluk bere gobernu programan, baina datorren urtean hortik gora joango da, %9,7 handituta. Horregatik, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak azaldu du aurrekontu «anbiziotsua» dela. «Urteari indarrez heldu nahi diogu pandemiari eta krisiari aurre egiteko». Sailburuak nabarmendu du ez dela murrizketarik izango gastuan. «Austeritatetik urrun dauden aurrekontuak dira, austeritatearen aurkakoak». Zor berria, 1.700 milioi euro Diru sarrerak gutxitu direnez, Jaurlaritzak zor publikora joko du aurrekontuak estali ahal izateko. Azpiazuk azaldu du 1.700 milioi eurotik gorako zor berria jaulkiko duela. Espainiako Gobernuak defizit mugak kendu ditu aurten eta datorren urtean, baina erreferentziazko defizit bat jarri du, BPGaren %2,2koa. Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, 1.785 milioi eurorena da defizit muga hori; hain justu, Jaurlaritzak hartuko duen zor berria. Guztira, Jaurlaritzak 2.500 milioiren zorra hartuko du, baina horren zati bat amortizazioetara eta interesetara joango da. «Egoerak zorpetzea eskatzen du. Beste garai batean baino gutxiago kezkatzen gaitu, gainera, interes tasak oso txikiak direlako. Erlatiboki kostu txikia dakar zorpetzeak. Ez da zorpetzeari buruzko zalantzak izateko garaia», justifikatu du Ogasun sailburuak. Zorra BPGaren %16,9ra iritsiko da. «Estatuan zorpetzerik txikiena izango dugu aurrerantzean ere», nabarmendu du. 2022an gehiago zorpetu behar duela uste du Azpiazuk, datorren urtean zerga bilketak nekez berreskuratuko duela aurten galdutakoa. Azarora arte, %10,8 gutxiago bildu dute ogasunek, 1.545 milioi euro gutxiago. 15.000 enplegu gehiago Aurten ekonomiak jasoko duen kolpe handiaren ondoren, datorren urtean egoerak hobera egitea espero du:barne produktu gordina %8,9 hanziko dela eta 15.000 enplegu berreskuratuko direla kalkulatu du —aurten galduko denaren erdia—, eta langabezia tasa %10,7an geratuko dela. Jaurlaritzaren langileen soldatak %0,9 handituko dira, eta hori halako bi, berriz, DBSE diru sarrerak bermatzeko errentaren zenbatekoa (+%1,8). Aste honetan eramango du aurrekontu proiektua Eusko Legebiltzarrera. 2020ko kontuak Ahal Dugu-ren babesarekin onartu zituen Urkulluren gobernuak, baina aurten horren beharrik ez du, gehiengo osoa baitute EAJk eta PSE-EEk. Edonola ere, beste talde politikoen babesa lortzen saiatuko da gobernua. «Ez da bilbokeria bat, baina iruditzen zait zaila dela aurrekontu hauei ezezkoa esatea, gastua hainbeste handituta», esan du Azpiazuk. Europako funtsak Jaurlaritzak ez du Europako Next Generation funtsetik irits daitekeen dirurik sartu aurrekontuetan, ez baitaki ez noiz ez zenbat etorriko den. Iritsiko balitz, prozedura bat prest du gobernuak.
2020-12-15
https://www.berria.eus/albisteak/191182/gipuzkoako-zahar-etxeetako-hitzarmen-proposamena-egin-diote-elak-eta-labek-patronalari.htm
Gizartea
Gipuzkoako zahar etxeetako hitzarmen proposamena egin diote ELAk eta LABek patronalari
Gipuzkoako Foru Aldundiari esku hartzeko eskatu eta gero, patronalari ere zahar etxeetako aferan duen "ardura har dezala" exijitu diote bi sindikatuek.
Gipuzkoako zahar etxeetako hitzarmen proposamena egin diote ELAk eta LABek patronalari. Gipuzkoako Foru Aldundiari esku hartzeko eskatu eta gero, patronalari ere zahar etxeetako aferan duen "ardura har dezala" exijitu diote bi sindikatuek.
ELA eta LAB sindikatuek agerraldi bateratua egin dute gaur goizean Lan Harremanen Kontseiluak Donostian duen egoitzan. Bertan, akordio proposamen bat erregistratu dute, “sektorearentzako onuragarriak diren herrialdeko hitzarmenaren edukiak” dituena. Izan ere, aurreko asteko mobilizazioetan udalei eta aldundiari auzian esku hartzeko eskatu zieten bezala, patronalari ere “erantzukizunez” jokatzeko exijitu diote, eta urratsak egiteko ere bai, sektoreko gatazkari behin betiko amaiera emateko. Adegik, Matia 2020k, Laresek eta ACGGk osatzen dute patronala Gipuzkoako egoitzen auzian; guztiak “interpelatu” nahi izan dituzte. “Azkenean, hitzarmena haiekin negoziatu behar da, eta gurekin jarri eta negoziatu dezaten nahi dugu”, adierazi du LABeko Leire Ormazabalek. Txomin Lasa ELAko eledunak salatu du enpresek orain arte ez dutela erakutsi negoziatzeko “inolako borondaterik”, eta “aitzakiak” erabili izan dituztela: “Esaten dute aldundiek ematen duten dirua jarriko dutela mahai gainean, eta haiena dela ardura. Aldundiak, aldiz, kontrakoa esaten du, sindikatuok eta patronalek adostu behar dugula eta gero finantzatuko dutela beraiek. Ardura pasatzen ari zaizkio elkarri, ez dute benetako borondaterik. Hori horrela, patronalei soilik ez, aldundiari ere mintzatu zaizkio berriro, eta “hitzetatik ekintzetara” pasatzeko eskatu diote, gatazka amaitu dadin. “Benetako negoziazio” baten zain Lau urte dira sektorean negoziazio mahaia eratu zela, baina sindikatuek salatu dute “benetako negoziaziorik” ez dela egon tarte honetan. Kexu azaldu dira patronalek UGT sindikatuarekin sinatutako akordioarekin, sindikatu horrek negoziazio mahaian %10eko ordezkaritza baino gutxiago baitu: “Akordio oso oinarrizkoa sinatu zuten, soldatari dagokiona soilik. Eta, gainera, arazo handiak daude akordio hori betetzeko, langile askok ez dute kobratu akordioan jarritakoa”, azaldu du Ormazabalek. Lasa bat etorri da, eta gehitu du “beren nahiak batere asebetetzen” ez dituen akordio bat dela. Horiek horrela, gatazka konpontzen ez den bitartean mobilizazioetan jarraitzeko asmoa erakutsi dute.
2020-12-15
https://www.berria.eus/albisteak/191183/atzeratu-egin-dute-2021eko-bertsolari-txapelketa-nagusia.htm
Kultura
Atzeratu egin dute 2021eko Bertsolari Txapelketa Nagusia
Datorren irailean hastekoak ziren txapelketako lehen saioak, baina Bertsozale Elkarteak bertan behera utzi ditu, eta ez du zehaztu noiz izango diren.
Atzeratu egin dute 2021eko Bertsolari Txapelketa Nagusia. Datorren irailean hastekoak ziren txapelketako lehen saioak, baina Bertsozale Elkarteak bertan behera utzi ditu, eta ez du zehaztu noiz izango diren.
«Datorren irailean hasiko litzateke 2021eko Bertsolari Txapelketa Nagusia, egoera ohikoa balitz. Ohikotik gutxi du egoerak, ordea, eta nekez betetzen dira txapelketa behar bezala gauzatzeko baldintzak». Bazebilen hotsa lehenagotik ere, eta orain konfirmatu egin du erabakia Bertsozale Elkarteak: atzeratu egingo dute 2021eko Bertso Txapelketa Nagusia. Prentsa ohar baten bidez jakinarazi dutenez, ez dute txapelketa egin ahal izateko nahikoa berme ikusten, eta ez dute zehaztu noiz izango den. «Pandemiaren bilakaeraren eta bertsolaritzaren egoeraren arabera erabakiko dugu noiz egin». Elkarteak gogoraratu duenez, koronabirusak eragindako osasun krisiak nabarmen moteldu ditu bertsolaritzaren ohiko zirkuitua eta martxa. Bertan behera geratu dira bertso saio ugari, esaterako, eta eskolek ere zailtasunak dituzte «normaltasunez» aritzeko. Horrez gainera, txapelketak bildu ohi duen jendetza ere izan dute gogoan, eta, egungo osasun irizpideak kontuan hartuta, argudiatu dute «pentsaezina» bilakatu dela jende multzo hori biltzea. Parte hartzaileren bat gaixotzeko arriskua ere badagoela esan dute, eta, beraz, horregatik guztiagatik hartu dute erabakia. «Hasi eta buka, txapelketa gauzatzeko bermerik ez dago». Bestelako saioak Hurrengo egunetan bertsolaritzaren plaza sustatzeko bestelako egitasmo bat aurkeztekoa da elkartea. Diotenez, bertsolaritzaz gozatzeko guneak bultzatzen eta antolatzen jarraitzeko asmoa dute datorren urtean ere, baina ez dute xehetasun gehiagorik eman oraingoz. Aurten hartutako beste erabaki batzuek iragarria zuten, nolabait, elkarteak jakinarazi berri duen behin-behineko etenaldia. Udazkenean, esaterako, Bizkaiko Bertso Txapelketarako lehen fasea egin ostean, saio gehiagorik ez egitea erabaki zuten, eta eten egin zuten Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa elkartzen dituen Xilaba txapelketa ere, egoera nabarmen zaildu zutelako Parisko gobernuak egindako osasun neurri aldaketek. Eta duela aste batzuk eman zuten 2021eko lehen hilabeteetan egitekoak ziren Arabako eta Nafarroako bertsolari txapelketak atzeratzeko erabakiaren berri ere. Lurraldekako txapelketekin hartutako erabaki bera hartu dute orain Txapelketa Nagusirako ere.
2020-12-15
https://www.berria.eus/albisteak/191184/hegazkingintzako-laguntza-publikoei-enpleguaren-inguruko-baldintzak-ezartzea-eskatu-du-labek.htm
Ekonomia
Hegazkingintzako laguntza publikoei enpleguaren inguruko baldintzak ezartzea eskatu du LABek
Sektoreari «txeke zuririk» ez emateko eskatu die erakundeei, eta kaleratzeak eragozteko neurri «koiunturalak» hartzeko enpresei
Hegazkingintzako laguntza publikoei enpleguaren inguruko baldintzak ezartzea eskatu du LABek. Sektoreari «txeke zuririk» ez emateko eskatu die erakundeei, eta kaleratzeak eragozteko neurri «koiunturalak» hartzeko enpresei
LAB sindikatuak «urrats berri eta ausartak» eskatu ditu Euskal Herriko hegazkingintzaren sektorean gertatzen ari diren «enplegu deuseztatze gupidagabeari» aurre egiteko. Erakunde publikoak patronalarekin «lerrokatuta» ikusten ditu, eta salatu du ez dutela herritarra defendatzen. Hala, sindikatuak neurri zehatzak proposatu dizkie enpresei eta erakunde publikoei, kaleratzeak eragozteko. «Urte luzeetan metaturiko aberastasuna eta jasotako diru laguntza publikoak» trantsizio honetan eta «pertsonengan» inbertitzeko eskatu die enpresei. Sindikatuaren ustez, badaude nahikoa tresna egoera koiuntural honetan kaleratzeak eragozteko: «Bada garaia lana banatzeko estrategia martxan jartzeko, eta horrek lanaldiari buruz hitz egitea dakar». Izan ere, eta sindikatuaren iragarpenen arabera, hegazkingintzaren krisi honek iraupen jakin bat izango du, eta enpresak egoera «baliatzen» ari dira lantaldeak murrizteko. Erakunde publikoei, berriz, eskatu diete sektoreari «txeke zuririk» ez emateko; alegia, laguntza publikoei ezarritako baldintzak zorrozteko, eta diruaren erabilera «arduratsua» egiteko. Hala, enpleguarekin loturiko hainbat baldintza proposatu ditu: azken urtean langileen %5 kaleratu dituen enpresei laguntzarik ez ematea, edota kaleratzeak egiten badituzte laguntzak itzultzera behartzea. Deslokalizazioen kasuan, berriz, epe hori luzatzea proposatu du; alegia, azken bost urteetan jasotako diru laguntzak itzultzeko obligazioa ezartzea. Sindikatuen datuen arabera, sektoreak 15.000 langile baino gehiagori ematen die enplegu Euskal Herrian, eta emakumeen presentzia industria sektoreko batezbestekoen gainetik dago. Industrian, batezbesteko hori ez da %20ra iristen; Alestis enpresan, aldiz, langileen erdiak emakumeak dira; Aernnovan, %32; eta ITP Aero PCBn, %20.
2020-12-15
https://www.berria.eus/albisteak/191185/urtarrilean-20000-txerto-iritsiko-dira-arabara-bizkaira-eta-gipuzkoara.htm
Gizartea
Urtarrilean 20.000 txerto iritsiko dira Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara
Europako Botiken Agentziak hilaren 21ean eman diezaioke onespena lehen txertoari.
Urtarrilean 20.000 txerto iritsiko dira Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara. Europako Botiken Agentziak hilaren 21ean eman diezaioke onespena lehen txertoari.
COVID-19aren kontrako txertoari buruz galdetu diote gaur Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileari gobernu kontseiluaren osteko agerraldian, eta hark esan du urtarrilean 20.000 txerto inguru iritsiko direla Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara. Dena dela, Zupiriak argitu du Eusko Jaurlaritzak ezin duela oraindik zehaztu txertaketa plana, EMA Europako Botiken Agentziak ez duelako txertorik onetsi, eta ez dakielako zehatz-mehatz zenbat dosi banatuko diren. Osakidetzak txertaketa plan bat prestatuta dauka txertoak iristen direnerako, bozeramaileak azaldu duenez. Hain justu, Europako Botiken Agentziak «ezohiko bilera» egingo du hilaren 21ean Pfizer eta BioNtech botika etxeen txertoaren ebaluazioa egiteko; hasieran aurreikusi baino zortzi egun lehenago egingo du bilera hori, beraz. Hala ere, EMAk jakinarazi du hilaren 21ean erabakirik hartuko ez balu abenduaren 29an bilduko dela berriro. Europako Botiken Agentziak onespena eman ostean, Europako Batzordeak beste hiru egun beharko lituzke txertoak merkaturatzeko baimena emateko, eta horrek esan nahi du, ondo bidean, abenduaren 24tik aurrera has litekeela txertoaren banaketa Europako Batasuneko estatu kide guztien artean. Txertoa aldi berean iritsiko da estatu kide guztietara, eta herrialde bakoitzaren biztanleriaren arabera banatuko dira dosi kopuruak.
2020-12-15
https://www.berria.eus/albisteak/191186/zubietako-erraustegiko-kudeatzaileen-aurkako-salaketa-ipini-du-gurasosek-fiskaltzan.htm
Gizartea
Zubietako erraustegiko kudeatzaileen aurkako salaketa ipini du GuraSOSek fiskaltzan
Legez kanpo baimenak ematea, prebarikazioa, agiriak faltsutzea eta langileen osasuna arriskuan ipintzea egotzi die guraso talde horrek Zubietako instalazioko kudeatzaileei
Zubietako erraustegiko kudeatzaileen aurkako salaketa ipini du GuraSOSek fiskaltzan. Legez kanpo baimenak ematea, prebarikazioa, agiriak faltsutzea eta langileen osasuna arriskuan ipintzea egotzi die guraso talde horrek Zubietako instalazioko kudeatzaileei
GuraSOSek fiskaltzara jo du Zubietako erraustegian atzemandako «irregulartasunak» argitzeko. Aurreko astean iragarri bezala, gaur goizean ipini du salaketa fiskaltzan, eta, besteak beste, hainbat delitu egotzi dizkie instalazioetako kudeatzaileei. Hain zuzen ere, Zubietako erraustegia kudeatzen duten enpresetako arduradunak eta Gipuzkoako Diputazioko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak ditu jomugan GuraSOSek salaketa horretan. Hainbat delitu egotzi dizkie, eta horien berri eman dio fiskaltzari. Besteak beste, uste du agiriak faltsutu dituztela, prebarikazioz jokatu dutela eta baimenak eman dituztela jakin arren «arauen aurka» ari zirela, uko egin diotela prozedura administratiboak ezarritako ikuskatze tekniko batzuk egiteari... Halaber, GuraSOSek ohartarazi dio Fiskaltzari Zubietan hondakinak erraustu dituztela legeak ezarritako baldintzak «errespetatu gabe» , eta horrek arriskuan jarri duela langileen osasuna. Aurreko astean martxan jarri zuten Zubietako erraustegia, eta enpresa kudeatzaileei (haien buru Urbaser mulitinazional txinatarra) ordaintzen hasi zaie Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa (GHK). Alabaina, horretarako baimenik ez izatea egotzi die GuraSOSek erraustegiko arduradunei; besteak beste, ez dutelako Industria Sailaren baimenik abian jartzeko. Abian jartzeko behin-behineko baimenaren balioa azaroaren 15ean amaitu zela ohartarazi du GuraSOSek, eta horren ondoren GHK-ko arduradunek prentsaren aurrean erakutsitako Jaurlaritzaren baimenak ez duela balio planta funtzionamenduan egoteko. Horregatik, Zubietako instalazioen jarduera eteteko eskatu dio GuraSOSek Jaurlaritzaren Industria Sailari, eta Red Electrica Españolari eta Nortegasi ohartarazi die utzi egin behar diotela instalazioaren jarduerari bide emateari. Fiskaltza Zubietako lau arduradun ikertzen ari da, maiatzean Arkaitzerreka errekastoan izandako amoniako isurketa batengatik. Ehunka arrain hilda agertu ziren orduan, eta ikertzen ari dira ingurumen delitu bat egin ote zuten.
2020-12-15
https://www.berria.eus/albisteak/191187/josu-urrutikoetxea-laquogenevara-joan-baino-lehenago-konturatu-nintzen-erakundean-zerbait-gertatu-zelaraquo.htm
Politika
Josu Urrutikoetxea: «Genevara joan baino lehenago konturatu nintzen erakundean zerbait gertatu zela»
BERRIAk ETAren ordezkari ohiaren elkarrizketa argitaratuko du bihar. Parisen mintzatu da harekin. Aurrerapena da hau.
Josu Urrutikoetxea: «Genevara joan baino lehenago konturatu nintzen erakundean zerbait gertatu zela». BERRIAk ETAren ordezkari ohiaren elkarrizketa argitaratuko du bihar. Parisen mintzatu da harekin. Aurrerapena da hau.
BERRIAk atzo arratsaldean elkarrizketa egin zion Josu Urrutikoetxea ETAren ordezkari ohiari, Parisen; zehazki, Enekoitz Esnaola kazetaria eta Lara Madinabeitia BerriaTBko arduraduna izan ziren harekin, eta bake eta konponbiderako elkarrizketa prozesuez, euskal presoez, biktimez edota haren auzibideez aritu ziren solasean. Kazetak bihar argitaratuko du elkarrizketa, asteazkenarekin. Aurrerapena da hau. Josu Urrutikoetxearen esan batzuk: - «Biolentzia sekula ez da, nire irudiz, helburua izan [ETA] erakundearentzat, erakunde politiko bat zelako, borroka armatua egiten zuena baina tresna politiko bezala. Bortxa erabiltzea ez da sekula helburu bat. Erabiltzen duenak badaki —eta, kasu honetan, etsaiak ere bai— kalteak egon daitezkeela, eta erakundea beti-betidanik saiatu da albo kalte horiek ekiditen. Eta hori oso zaila da. Bueltaezinezko kalteak larriak dira denentzat. Ni betidanik kezkatu nau horrek, eta hori sentitu dut barru-barruan». - [2004, Batasunaren Anoetako proposamena: mahai politikoa eta teknikoa] «Garrantzia izan zuen, baina ez bakarrik Euskal Herrian, kanpoan ere bai. Kanpoko eragileek ere oso garbi ikusten zuten. Ikusten zuten hori egingarriagoa zela». - [2005eko ekaina-uztaila, Geneva: ETA-Espainia elkarrizketa hasiera] «Hara joan baino lehenago sinisten nuen, ikusten nuen aukera zegoela. Sinesmen hori joan aurretik hankaz gora bota zidan erakundeko zuzendaritzako batek esan zidan zerbaitekin, ohartu nintzelako pertsona horrek negoziaketari buruz zuen pentsamoldea eta nirea punta batean eta bestean zeudela. Orduan konturatzen naiz erakundean zerbait gertatu zela. Nik sinesten nuen». - [2006, ETAren su-etena eta Jose Luis Rodriguez Zapateroren adierazpena] «Adierazpen horiek ziren giltza bi prozesu [mahai] horiek irekitzeko. Elkarrizketen lehen fasea hori dena zehaztea zen. Bigarren fasea jartzen da mahai gainean, gauza zehatzez hitz egiteko. Hori hankaz gora joan baldin bazen, ez zen bakarrik Madrilen jarrerarengatik». - [2011-2013, Osloko mahaia: gatazkaren ondorioak] «Nazioarteko gobernuz kanpoko erakundeek eskatzen zuten [ni Oslon egotea], nolabaiteko berme bat zelako beraientzat. Bustita zeuden gobernuek ere esan zuten nolabaiteko ibilbidea zuen norbait nahi zutela. Horregatik konbentzitu ninduten. Hasieratik nire kezka zen han topatuko nituen erakundeko ordezkariek txipa aldatua zuten edo oraindik eskema militarista batean segitzen zuten. Orduan esan zidaten 2009ko bihurgunea [estrategia aldaketa] ematen ibili ziren militanteak zirela eta abar, eta nik erantzun nuen: horrela bada, ados». - [Burujabetza prozesua, euskal errepublika] «Baldintzak badaude, arlo desberdinetan. Izugarrizko potentzial bat da. Euskal errepublika zergatik ez? Baldintzak denak ditugu. Belaunaldi berriek alde horretatik borrokatzeko gogoa dutela ikusten dut. Beste mende batean gaude, beste tresna batzuk dituzte, guk ezagutu ez ditugunak, baina beste etsai batzuk ere bai, neoliberalismoak eta mundu globalizatuak ekartzen dituztenak, baina, konfiantza emanez eta lan eginez egunero-egunero-egunero, guk ditugun tresnekin atzeraezina da egoera».
2020-12-15
https://www.berria.eus/albisteak/191188/dena-dago-prest-laboral-kutxa-masterseko-finalerako.htm
Kirola
Dena dago prest Laboral Kutxa Masterseko finalerako
Amaia Aldai-Oihana Orbegozo eta Patri Espinar-Naroa Agirre ariko dira elkarren aurka, igandean, Arrigorriagan (12:00, ETB1)
Dena dago prest Laboral Kutxa Masterseko finalerako. Amaia Aldai-Oihana Orbegozo eta Patri Espinar-Naroa Agirre ariko dira elkarren aurka, igandean, Arrigorriagan (12:00, ETB1)
Pilotazaleek asteburu bete-betea izango dute. Eskuz Pilotako Enpresen Ligako Lau eta Erdiko Txapelketako finalerdiez gain, Laboral Kutxa Mastersaren lehen ekitaldiaren finala jokatuko dute. Igandean da hitzordua, Arrigorriagan (Bizkaia), goizeko hamabietan hasita. Amaia Aldai-Oihana Orbegozo ariko dira batetik, eta Patri Espinar-Naroa Agirre bestetik. Bi bikote horiek izan dira indartsuenak txapelketan. Jaialdiko neurketa nagusia jokatuko dute lau pilotari horiek, baina aurretik, atariko moduan, hirugarren eta laugarren posturako norgehiagoka jokatuko dute Ainhoa Ruiz de Infante-Miriam Arrillagak eta Olatz Arrizabalaga-Gentzane Aldaik. Finala jokatuko duten pilotarien artean Espinarrek bakarrik du esperientzia halakoetan. Lau final jokatu ditu Emakume Master Cup txapelketan; bitan banaka, eta beste bitan binaka. Txapel bat du irabazia, 2018ko banakakoa. Aldaik, Orbegozok eta Agirrek, ordea, estreinako finala dute. Ez dago faboritorik, eta final parekatua espero da.
2020-12-15
https://www.berria.eus/albisteak/191189/bi-adingabe-atxilotu-dituzte-donostian-andre-bati-erasotzeagatik.htm
Gizartea
Bi adingabe atxilotu dituzte Donostian, andre bati erasotzeagatik
Atzo eraso zioten emakumeari, labanaz, eta atxilotutakoak andrearen alaba eta haren bikotekidea dira. Batek 17 urte ditu, eta besteak 16.
Bi adingabe atxilotu dituzte Donostian, andre bati erasotzeagatik. Atzo eraso zioten emakumeari, labanaz, eta atxilotutakoak andrearen alaba eta haren bikotekidea dira. Batek 17 urte ditu, eta besteak 16.
Atzo atxilotu zituzten, baina gaur goizera arte atxiki ditu Poliziak bi adingabeak, eta Donostiako adingabeen fiskalaren esku dago kasua orain. Eneko Goia alkateak azaldu duenez, andrearen etxean izan zen erasoa, atzo iluntzean —labanarekin egin zizkioten zuriak—, eta bizilagun batek deitu zion Poliziari. Ertzaintza heltzerako, emakumeak zauriak zituen gorputzean. Ebakuntza egin diote, eta osatzeko bidean da orain. Gero, bi adingabeak atxilotu zituzten, emakumeari eraso egitea leporatuta. Goiaren arabera, "etxe barruko indarkeria" kasua izan daiteke, baina "zuhurtzia" eskatu du.
2020-12-15
https://www.berria.eus/albisteak/191190/kontseiluak-adostasun-sozialak-eta-politikoak-eraikitzeko-dinamika-abiatuko-du.htm
Gizartea
Kontseiluak adostasun sozialak eta politikoak eraikitzeko dinamika abiatuko du
Kontseiluak izen eta irudi berria aurkeztu ditu: Euskalgintzaren Kontseilua izango da aurrerantzean.
Kontseiluak adostasun sozialak eta politikoak eraikitzeko dinamika abiatuko du. Kontseiluak izen eta irudi berria aurkeztu ditu: Euskalgintzaren Kontseilua izango da aurrerantzean.
Urte honetan euskalgintzan egindakoak eta hurrengorako erronkak zehazteko, urteko irakurketa egiteko ekitaldia egin du Kontseiluak, gaur goizean, Donostian. Joxe Mari Auzmendi eta Joan Mari Torrealdai gogoratuz hasi dute ekitaldia, eta haiek euskalgintzan egindako lanarekin jarraitzeko asmoa erakutsi dute. Erronka zehaztuta daukate: adostasun sozialak eta politikoak eraikitzea. Kontseiluak izen eta irudi berria aurkezteko ere aprobetxatu du. Aurrerantzean, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua izan beharrean, Euskalgintzaren Kontseilua izango da. Paul Bilbao idazkari nagusiak azaldu duenez, izen aldaketak «guztion plaza eta topaleku» izateko nahiari erantzuten dio; irudiari dagokionez, berriz, «argia, sotila, eguneratua eta egungo euskarrietara egokitutakoa» izatea du helburu. Gainera, webgunea ere berritu dute. Euskalgintzaren Kontseiluak azpimarratu du adostasunak lortzeko beharra dagoela: «Pandemiak erakutsi digu beharrezkoa dela elkartzea, lankidetzan jardutea eta arazoei buruz aritzea». Bilbaoren irudiko, pandemiak agerian utzi du zaurgarritasuna ere: komunitate gisa, hizkuntzaren egoera zaurgarria... «Ikusi dugu gure eskubideak urratzen zirela lehentasunaren eta berehalakotasunaren izenean». Hori ikusita, hizkuntza politiketan adostasun sozialak eta politikoak lortzearen alde egin du Bilbaok, eta horretarako konpromisoak hartu behar direla nabarmendu: «Iruditzen zaigu denok hartu behar ditugula konpromisoak». Kontseiluak hori bideratuko duen dinamika abiatuko du hurrengo asteetan. Bi helburu ere zehaztu dituzte: euskararen erabilera erosoa herritar guztiei bermatzea lortzea eta euskararen ezagutzaren unibertsalizazioari begirako neurriak hartzea. Urteari begira Urteari errepaso orokorra ere eman dio Bilbaok. «Nazio Batuen Erakundeak egindako gomendioei entzungor egitea gutxi ez, eta epaitegietan hizkuntza gutxituen aurkako esku hartze politikak ikusi ditugu aurtengoan ere», salatu du. Bi adibide jarri ditu: Espainiako Auzitegi Gorenak Lasarte-Oriari (Gipuzkoa) buruz kaleratutako epaia, zeinak euskara diru laguntzetarako irizpide izatea ezetsi zuen eta Nafarroako lan deialdietan euskara aintzat ez hartzea. Euskalgintzako hainbat eragiletako ordezkariek hartu dute parte, eta Bilbaorekin batera, hitza hartu dute Agurne Gaubeka Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren zuzendariak, Arrate Illaro Euskaltzaleen Topaguneko kide eta Euskaraldiko koordinatzaileak eta Jon Agirresarobe Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak. COVID-19ak baldintzatutako urtea nolakoa izan den azaldu dute, bakoitzak bere esparrutik begiratuta. Gaubekak pandemia garaian izan diren hizkuntza eskubideen urraketei erreparatu die: «Euskaldunoi gure hizkuntza eskubideak behin eta berriro zapaldu zaizkigu». Datuekin berretsi ditu hitz horiek: Gaubekak azpimarratu duenez, martxotik ekainera pandemiari lotutako 205 urraketaren berri izan dute, aurreko urtean baino %47 gehiago, eta bigarren olatuko datuak ere antzekoak izan direla esan du. Gaubekaren ustez, horrek erakusten du egoera «makurtzen» denean hizkuntza eskubideak alde batera uzten dituztela. Hori ikusita, herritarren jarrerak duen garrantzia azpimarratu du: «Argi geratzen zaigu herritarren aktibazioak duen garrantzia». Illaro pozik agertu da, Euskaraldiarekin asmatu dutelakoan. Parte hartzearen datuak dira horren erakusgarri: 180.000 lagun inguruk parte hartu dute; 375 bat herri batzorde osatu, 25.000 arigune sortu... Ekintza batzuek ondo funtzionatu badute ere, hainbat sektore jota utzi ditu pandemiak; esaterako, bertsolaritza. Agirresarobek nabarmendu duenez, Xenpelar dokumentazio zentroaren datuen arabera, iaz bertsolaritza ardatz zuten 1121 saio egin ziren, eta aurten 435 egingo dira. Horrek arlo ekonomikoan ere izan du eragina: Agirresaroberen arabera, 735.000 euro gutxiago mugitu dira. Gainera, azpimarratu du bertsolariek arazoak izan dituztela COVID-19arengatik ematen dituzten laguntzak jasotzeko.
2020-12-15
https://www.berria.eus/albisteak/191191/hungariak-adopzioa-debekatu-die-sexu-bereko-bikoteei.htm
Mundua
Hungariak adopzioa debekatu die sexu bereko bikoteei
Parlamentuak LGTBI komunitatearen aurkako lege proiektu bat eta Konstituzioaren hainbat zuzenketa onartu ditu; tartean, «ama emakumezkoa» eta «aita gizonezkoa» dela dioena. Erabaki horiekin, Orbanen gobernuak are gehiago zorroztu du bere agenda ultrakontserbadorea.
Hungariak adopzioa debekatu die sexu bereko bikoteei. Parlamentuak LGTBI komunitatearen aurkako lege proiektu bat eta Konstituzioaren hainbat zuzenketa onartu ditu; tartean, «ama emakumezkoa» eta «aita gizonezkoa» dela dioena. Erabaki horiekin, Orbanen gobernuak are gehiago zorroztu du bere agenda ultrakontserbadorea.
Familia tradizionalaren eredua sendotzeko asmotan jarraitzen du Viktor Orban Hungariako lehen ministroaren gobernuak. 2010ean agintera iritsi zenetik, agenda ultrakontserbadorea du lehentasun, eta horrek hainbat talka eragin dizkio, bai etxean, baita kanpoan ere, batez ere EB Europako Batasunarekin. Orban, ordea, gustura ari da norabide horretan, Asanblea Nazionalean duen gehiengo osoari eta EBn bertan dituen estatu kide aliatuen sostenguari esker. Balio kristauen defentsa du oinarri, eta, horri begira, berriz jarri du jomugan LGTBI komunitatea: sexu bereko bikoteek ezingo dute adopziorik egin. Parlamentuak gobernuak aurkezturiko lege proiektu bat onartu du, Konstituzioaren hainbat zuzenketari baiezkoa ematearekin batera. Aldaketen arabera, soilik bikote ezkonduek adoptatu ahalko dute, eta, Hungarian sexu berekoan arteko ezkontza debekatuta dagoenez, horiek beste atzerapauso bat jasan dute euren eskubideetan. Orain arte, adopziorako aukera bakarra norbanako gisa aurkeztea zuten, baina kasu horretan Familia Aferetarako Ministerioaren baimen bat ezinbestekoa zen, eta ez dute beti jaso horren baiezkorik. Hortaz, gaurko lege aldaketarekin, adoptatzeko atea itxi zaie sexu bereko bikoteei. Hungarian, parlamentuaren bi herenaren baiezkoa da beharrezkoa lege garrantzitsuenak eta Konstituzioa aldatzeko. Fideszek badu gehiengo osoa, eta bi herenera iristeko bere aliatu KDNP Alderdi Popular Demokrata Kristauaren babesa izaten du; Orbanen alderdiak 115 diputatu ditu —199tik—, eta KDNPk, 17. Finean, onarturiko legeak Hungariako Gobernuaren joera laburbiltzen du: «Lege nagusia da soilik bikote ezkonduek adoptatu dezaketela haur bat, hau da, ezkonduta dauden gizon batek eta emakume batek», dio Judit Varga Justizia ministroak sustatu duen aldaketak. «Hungariak ezkontzaren instituzioa babesten du […] gizon eta emakume baten artekoa. Baita familia ere, nazioaren iraupenerako oinarri gisara». Horrekin batera, gaurtik aurrera Konstituzioan jasota geratu da familia tradizionalaren defentsa, zuzenketa batek beste familia mota guztiak baztertu baititu. Honela deskribatzen du bikote bat: «ama emakumezkoa eta aita gizonezkoa». Hungariako Gobernua, ordea, ez da horretara mugatu, testuak jasotzen baitu estatuak ziurtatu beharko duela haurren garapena jaiotzean duten sexuari dagokion generoaren araberakoa izango dela. Hungariako Asanblea Nazionalaren erabakia EBren suspertze planari buruzko blokeoa gainditu eta egun gutxira iritsi da. Next Generation delakoaren dirua jasotzeko, talde komunitarioak baldintzatzat jarri zuen zuzenbide estatua errespetatu behar izatea, Hungariari eta Poloniari erreferentzia eginez; izan ere, estatu kideak kezkatuta daude bi herrialde horiek gutxiengoen, prentsa askatasunaren eta auzitegien independentziaren aurka hartzen ari diren neurriekin. Azkenean, Budapestek eta Varsoviak betoa kendu zioten plan horri, iragan ostegunean egindako Europar Kontseiluan, baina agerian geratu da suspertze planari ezarritako baldintzak ez duela joera aldaketarik eragin Orbanengan. Ikusteko dago, gainera, EAP Europako Alderdi Popularrak zer erabaki hartuko duen: asteotan da biltzekoa Fidesz alderdiaren kidegoaz eztabaidatzeko, eta litekeena da EAPtik botatzeko erabakia hartzea, demokristauen taldeko hainbat indar politikok hori egiteko eskatu baitute. Testuingurua edozein dela ere, EBren eta Hungariaren arteko distantzia handituz doa urteek aurrera egin ahala. Fideszko eurodiputatuaren orgia Modu batera begiratuta, Hungariako Parlamentuaren erabakia Orbanen ideiak sendotzeko eta mahai gainean kolpe bat emateko modu bat izan da, suspertze planaren auziaz gain, zeresan handia eman duelako bere alderdiko europarlamentari bat orgia batean harrapatu izanak. Azaro amaieran, Bruselako Polizia erdialdeko etxebizitza batean sartu zen, 25 lagun orgia bat egiten ari ziren festa pribatu batean. Gehienak gizonezkoak ziren, eta denek jaso zituzten isunak, COVID-19aren pandemiagatik ezarritako neurriak apurtzeagatik. Horien artean zegoen Jozsef Szajer eurodiputatu eta Orbanekin batera Fidesz alderdiaren sortzaile izandakoa. Gertaturikoaren berri plazaratu zenean, Szajerrek barkamena eskatu zien bere familiari, bere lagunei eta botoa eman zioten herritarrei. Dena den, eskatu zuen «akats batengatik» ez ahazteko politikan eman dituen 30 urteetan egindako ibilbidea, baita Hungariarekin eta Fideszekin ez lotzeko ere.
2020-12-15
https://www.berria.eus/albisteak/191192/aierdik-aurreratu-du-dimititu-egingo-duela-gorenak-ikertzen-badu.htm
Politika
Aierdik aurreratu du dimititu egingo duela Gorenak ikertzen badu
Gutun bat bidali dio Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariari, eta argitu du gobernua utziko duela baldin eta auzitegiak ikertu gisa hartzen badu.
Aierdik aurreratu du dimititu egingo duela Gorenak ikertzen badu. Gutun bat bidali dio Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariari, eta argitu du gobernua utziko duela baldin eta auzitegiak ikertu gisa hartzen badu.
Gorenaren esku dago Manu Aierdik Nafarroako Gobernuan jarraituko ote duen. Atzo, albistea jakin bezain azkar, «harridura handia» erakutsi zuen Manu Aierdi Garapen Ekonomikoko kontseilariak, eta gaur gutun bat bidali dio Maria Txibite gobernuko lehendakariari. Bertan, adierazi du «dimititzeko borondate irmoa» duela baldin eta Auzitegi Gorenak ikertzea erabakitzen badu. Oraindik ez da halakorik gertatuko, baina Gorenak hori egingo balu, Aierdik aurreratu du kargua utziko duela. Atzoko autoan, Espainiako Auzitegi Gorenak bide eman zion UPNk ekainean Aierdiren aurka jarritako salaketari; auzia ireki zuen, eta Andres Palomo del Rio magistratua izendatu zuen instrukziorako. Epaile horrek erabakiko balu Aierdi ikertu gisa hartzea edo deklaratzera deitzea, Aierdik gobernua utziko luke. Gutunean, hori gertatuko balitz, Aierdik astebete eskatu du «egoera aztertzeko eta agurtu ahal izateko». Ondoan izan dituenei «merezi duten agurra» emateko aukera eskatu dio Txibiteri. «Bitartean, lanean jarraituko dut, Nafarroaren etorkizunaren aldeko konpromiso irmoa baitut, nire erabakiekin ahalik eta hobekien lurraldeko garapen ekonomiko eta sozialaren aldeko ekarpena eginez». 14/2004 foru legeak zehazten duenez, kargudun publiko bat ikertu gisa hartuz gero, prozedura judizial bateko figura hori ez da bateragarri emandako konfiantzarekin, eta, horren aurrean, Nafarroako Gobernuak astelehen arratsean aurreratu zuen Aierdik kargua utzi beharko lukeela.
2020-12-15
https://www.berria.eus/albisteak/191193/euskal-selekzioa-fifako-eta-uefako-kide-izateko-eskaria-erregistratu-du-federazioak.htm
Kirola
Euskal Selekzioa FIFAko eta UEFAko kide izateko eskaria erregistratu du Federazioak
Euskadiko Futbol Federazioak nazioarteko ordezkaritza izateko «bideragarritasun legala» aldarrikatu du, eta «aukera egingarria» dela uste du.
Euskal Selekzioa FIFAko eta UEFAko kide izateko eskaria erregistratu du Federazioak. Euskadiko Futbol Federazioak nazioarteko ordezkaritza izateko «bideragarritasun legala» aldarrikatu du, eta «aukera egingarria» dela uste du.
Bi erakundeen egoitzetan (Suitzan) egin dute eskaera Luis Mari Elustondo Euskadiko Futbol Federazioko presidenteak eta Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak, eta, horrela, Federazioak gaur bete du 2018ko abenduaren 12ko batzarrak ia aho batez adostutakoa: FIFAren eta UEFAren aurrean Euskal Selekzioa kide izateko eskaera egitea, ofizialtasuna izateko urrats ezinbesteko gisa. Federazioak Eusko Jaurlaritza izan du bidaide Suitzara egindako bidaian, Jon Redondo eta David Salinas-Armendariz ere bertan izan baitira. Federazioko presidenteorde Nerea Zalabarria ere han izan da. Eskaera formala da, eta bertan nabarmentzen da eskakizunak baduela «bideragarritasun legala». Eta «benetako aukera» dagoela gauzatzeko. «Alde guztiekin adostutako integrazioa gauzatzeko borondatearekin» eginda dago eskaria. Hain zuzen, Federazioak atera duen oharrean, hurrengo pausoari egiten zaion aipamenaren barruan, Espainiako Federazioa azaltzen da: «Akordio bat lortzeko negoziazio epe bat irekitzeko asmoa dugu haiekin». Izan ere, FIFAren estatutuetako 11. artikuluko seigarren atalean jasotzen da federazio eskatzaileak behar duela kide den estatuko (kasu honetan, Espainiako) federazioaren baimena. Urtebeteko epea eskatuko du Euskadiko Futbol Federazioak akordioa lortzeko. Eskaeraren hiru oinarriak Hiru oinarri eman dizkiote eskari ofizialari. Bat: Euskadiko Futbol Federazioak eskubide osoko kide izateko eskaera formal eta zuzena egin du. Horretarako, Federazioak eskatu du FIFAren eta UEFAren artean espediente komun eta bateratu bat abiatzea, EFFk bi erakundeetan benetan integratzeko bete behar dituen estatutu eskakizun formal guztiak betetzeko eta, era berean, alde guztien arteko akordio bat gauzatzeko. Akordio horretan, EFF kide bilakatzeko sarrera baldintzak zehaztuko lirateke, Espainiako Federazioaren onespenarekin. Urtebeteko epea emango litzateke akordio hori ixteko, eta Espainiako Futbol Federazioarekiko akordioak integraziorako hitzartutako baldintzak jasoko lituzke. Bi: EFFk txosten arrazoitu bat emateko eskatu die FIFAri zein UEFAri. Dokumentu horretan FIFAk eta UEFAk EFFren kasuan bi organismoetan kide gisa onartzeko bete behar diren baldintzak eta betekizunak zehaztuko dira (gaur egun baldintza horietako bat betetzen ez bada). Hiru: EFFk bere «konpromiso irmoa, erabateko prestasuna eta fede ona» adierazi ditu «dauden oztopoak gainditzeko eta alde guztien artean adostutako integraziorako aurkezten diren eskakizun guztiak betetzeko». Federazioak berak nabarmendu duenez, helburua da euskal futbolaren nahi historikoa gauzatzea, Durangon 2018ko abenduan egindako Biltzar Nagusian hartutako akordioan adierazi zen bezala. Proiektu «erabat bideragarria» Salinas-Armendarizek azaldu duenez, integratzeko eskaera formal honen bidez, EFFren Biltzar Nagusiak eskatutakoa ez ezik, «euskal gizartearen gehiengoaren nahia ere» betetzen ari dira. Gehitu du «zilegizko helburua eta erabat bideragarria» dela legearen ikuspegitik: «Estatu independenteak ez diren Europako beste lurralde batzuen integrazioak eta selekzioen ibilbide historikoek (liga propioa dutenak eta ez dutenak) erakusten dute hala dela». Euskadiko Futbol Federazioak nazioarteko federazioei emandako dokumentazioaren artean, honako dokumentu hauek daude: Federazioaren estatutuen kopia bat; EFFk eta Euskal Selekzioak 1915etik egin duten ibilbide historikoa jasotzen duen txosten bat; Eusko Jaurlaritzak emandako lege txosten bat, EFFren ordezkaritza gaitasuna arrazoituz; Durangoko Biltzar Nagusiak onartutako eskaeraren kopia bat; eta Espainiako Federazioari (RFEF) bidalitako jakinarazpen ofiziala, gai horren inguruan akordio batera iristeko negoziazio aldi bat irekitzeko eskaria eginez. Dinamika berria Bistan da gaur egin den urratsak beste fase batean sartzen duela ofizialtasunaren gaia. Hala uste du Federazioak: «FIFAren eta UEFAren aitorpen ofiziala eskatzea bat dator Euskadiko Futbol Federazioa eta Eusko Jaurlaritza urte hasieratik sustatzen ari diren dinamika berriarekin». Dinamika horren funtsa da urte hasieratik bi erakunde horiek lan mahai bat eratu eta dinamizatzen ari direla, «Euskal Selekzioaren gainean testuinguru berri bat sortzeko eta proiektua berrindartzeko». Lantalde horretan, bi erakundeez gain, klubak, jokalariak eta euskal selekzioen aldeko eragileak ari dira lanean. Lan horrek guztiak helburu bat dauka: «Epe laburrera Euskal Selekzioaren proiektua berrindartu nahi dugu, eta, osasun egoerak aukera ematen duenean, euskal zaleekin bat egin berriro ere, bere historia luzean egin izan duen bezala». Azkenaldian berpiztu da gaia Euskadiko Futbol Federazioaren batzarrak onartu eta bi urtera gauzatu da eskaria. Hain justu, azken asteetan atera da gaia berriro, aldi batean isilpean egon eta gero. Euskal Selekzioak Costa Ricaren aurka jokatu zuen azaroaren 16an, eta orduan hitz egin zuen Elustondok, hautsak harrotu zituzten adierazpenak utziz. Radio Euskadin adierazi zuen aurreakordio bat zegoela Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean, euskal selekzioek nazioartean lehiatzeko aukera izateko bidea abiatzeko. Gero, ordea, atzera egin zuen Cope irratian: «Aurreakordio hori ez da existitzen. Ez nituen gauzak behar bezala azaldu, sentitzen dut. Pedro Sanchezen inbestidurarako EAJk eta PSOEk sinatutako akordioaz ari nintzen. Akordio horretako puntuetako batean esaten zen Sanchez beharrezkoak ziren erreformak egitera konprometitzen dela bide hori abiatzeko». FIFAra eta UEFAra jotzeko duela bi urte Durangon (Bizkaia) egindako bileran lortutako akordioaz ere mintzatu zen. «Ordutik ez dugu urratsik egin. Pazientziaz egin beharreko kontua da». Hitz horiek esan eta gutxira gauzatu da batzarraren eskaria. Bitartean, euskal jokalari batzuek agiri bat atera zuten aurreko astean, Elustondori eskatuz bete zezala UEFAn kide izateko eskaria. Asier Riesgok, Ainhoa Tirapuk, David Zurutuzak eta Asier Illarramendik izenpetu zuten agiria. Aurreko asteburuan Gu ere Bai egitasmoak sinadura bilketa bat abiatu zuen Elustondori eskatuz jokalarien eskakizun bera: Durangoko batzarrean adostutakoa betetzeko. Presidenteak egin du bere lana gaur. Ez zuen denbora askoz gehiago, datorren urtearen hasieran federazioko zuzendaritza berria aukeratzeko hauteskundeak daudelako.
2020-12-15
https://www.berria.eus/albisteak/191194/europako-justizia-auzitegiak-ez-du-onartu-junquerasen-eurodiputatu-karguari-buruzko-helegitea.htm
Mundua
Europako Justizia Auzitegiak ez du onartu Junquerasen eurodiputatu karguari buruzko helegitea
Europako Parlamentuko presidente David Sassolik hutsik utzi zuen Junquerasen eserlekua, urtarrilean, eta horren aurkako helegitea jarri zuen buruzagi independentistak. Europako Justizia Auzitegiak adierazi du Espainiako auzitegiek ebatzitakoa bete zuela Sassolik.
Europako Justizia Auzitegiak ez du onartu Junquerasen eurodiputatu karguari buruzko helegitea. Europako Parlamentuko presidente David Sassolik hutsik utzi zuen Junquerasen eserlekua, urtarrilean, eta horren aurkako helegitea jarri zuen buruzagi independentistak. Europako Justizia Auzitegiak adierazi du Espainiako auzitegiek ebatzitakoa bete zuela Sassolik.
Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak ez du onartu Oriol Junqueras ERCko buruak bere eurodiputatu karguaren inguruan jarritako helegitea, argudiatuta Espainiako auzitegiek hartutako erabakiak bete zituela Europako Parlamentuak. "Europako Parlamentuko presidenteak egoera juridikoaren inguruko informazioa helarazi zion erakundeari, zeina Espainiako agintarien erabakien ondorio baitzen", ebatzi du auzitegiak, ohar batean. Urtarrilean utzi zion Europako Parlamentuak Junqueras eurodiputatu modura onartzeari, eta, horrenbestez, bere egin zituen Espainiako Auzitegi Gorenaren eta Espainiako Hauteskunde Batzordearen argudioak. Espainiak Junqueras hamahiru urteko espetxealdira eta inhabilitaziora zigortu zuenez, haren egoera juridikoa eurodiputatu karguarekin bateraezina dela adierazi zuten. Ebazpen hori aintzat hartu zuen Europako Justizia Auzitegiak, eta, hala, aurrez auzitegi horrek berak esandakoan atzera egin zuen. Izan ere, eurodiputatu izaera eta immunitatea aitortu zizkion hasieran ERCko presidenteari. Europako Parlamentuak, Espainiako justiziak agindutakoa aplikatu, eta hutsik utzi zuen Junquerasi zegokion eurodiputatu kargua, eta erabaki horren aurkako helegitea jarri zuen ERCko buruak. Erabaki hari arrazoia eman dio orain Europako Justizia Auzitegiak. an emandako ebazpena kontrolatzeko", eta gaineratu du ezin diola uko egin erabaki horiek betetzeari. Auzitegiaren ebazpenak jaso duenez, "Europako Parlamentuak ez du eskumenik estatu kide batek eurodiputatu bat kargutik kentzeko".
2020-12-16
https://www.berria.eus/albisteak/191197/epaileak-baldintzatutako-porrota.htm
Kirola
Epaileak baldintzatutako porrota
Athleticek galdu egin du Real Madrilen zelaian. Gil Manzano epaileak Raul Garcia kanporatu du 15. minutuan, bi txartel horirengatik, eta aurretik ez du Iñaki Williamsi egindako penaltia adierazi.
Epaileak baldintzatutako porrota. Athleticek galdu egin du Real Madrilen zelaian. Gil Manzano epaileak Raul Garcia kanporatu du 15. minutuan, bi txartel horirengatik, eta aurretik ez du Iñaki Williamsi egindako penaltia adierazi.
Athleticek galdu egin du Real Madrilen zelaian: 3-1. Gaizka Garitanoren taldeak lantegi zaila zuen, sekula ez baita erraza zurien zelaian irabaztea. Eta, kasu honetan, are zailagoa: ia ordubete pasatu du jokalari bat gutxiagorekin.15. minutuan, Gil Manzano epaileak bigarren txartel horia atera dio Raul Garciari; gainera, aurretik, ez du Williamsi egindako penalti bat adierazi. Horrek guztiz baldintzatu du neurketa. Capak berdindu egin du bigarren zatian partida, baina Benzemaren bi golek erabaki dute lehia. Garitanoren taldeak ondo hasi du neurketa, bizi jokatuz eta goian presioa eginez. De Marcosek izan du partidako lehen aukera. Baina ez du asmatu. Zuri-gorriek, ordea, tarte gutxi izan dute aurreikusia zuten neurketa egiteko, Gil Manzanoren erabakiengatik. Aurrena ez du Carvajalek Williamsi egindako penaltia adierazi, eta, erreskadan, bigarren txartel horia atera dio Raul Garciari. Lehena 7. minutuan atera dio. Biak Krossi egindako sarrerengatik izan dira. Athleticen lehen aldiz kanporatu dute nafarra. Jokalari bat gehiago izanda, Real Madril nagusitzen hasi da. Baina Athleticek ondo eutsi dio, eta pare bat aldiz ere ailegatu da Real Madrilen atera. Baina lehen zatiko azken bost minutuetan, Zinedine Zidanek zuzentzen duen taldeak are gehiago estutu du, eta, Modricen abisu baten eta Valverderen beste baten ostean, Krossek gola sartu du lehen zatiaren luzapenean, area ertzetik jaurtiketa bat eginda. Kolpe gogorra atsedenaldiaren aurretik. Bigarren zatiak antzeko bidea har zezakeela pentsa zitekeen. Baina ez da horrela izan. Athletic, eskuin hegaletik Capak eta De Marcosek egindako lan nekez eta onari esker, ez da atzean geratu, eta bere aukera baliatu du. 53. minutuan izan da, Caparen eta De Marcosen jokaldi on baten ostean. Lehenak sartu du gola. Ordu erdi baino gehiago geratzen zen partida amaitzeko. Puntuak balio handia zuen zuri-gorrientzat. Espero bezala, Real Madrilek gora egin du. Baina aparteko arriskurik sortu gabe. Azkenean, ordea, iritsi da zurien gola. Benzemak sartu du, buruz, 74. minutuan, Carvajalen erdiraketa on bat baliatuz. Athleticek merezi zuen berdinketa, partida Real Madrilek baino hobeto jokatuz amaitu baitu. Vesgaren oinetan izan du berdinketa lortzeko aukera. Baina Courtoisek gelditu ona egin dio (92. min), eta hurrengo jokaldian hirugarrena sartu du berriro ere Benzemak. Jokalari bat gutxiago izanda, partida duina jokatu du, eta orain ostiralean derrigorrez irabazteko partida du, Huescaren aurka, San Mamesen (21:00).
2020-12-16
https://www.berria.eus/albisteak/191231/gizonezko-bat-atxilotu-dute-hamabi-adingaberi-45-sexu-delitu-egitea-egotzita.htm
Gizartea
Gizonezko bat atxilotu dute hamabi adingaberi 45 sexu delitu egitea egotzita
Gizonezko bat atxilotu dute hamabi adingaberi 45 sexu delitu egitea egotzita.
Guardia Zibilak 22 urteko gizon bat atxilotu du Bilbon, 45 sexu delitu egitea egotzita. Besteak beste, egotzi diote 13 eta 15 urte arteko hamabi neska adingaberen aurkako korrupzioa, sexu erasoak eta pornografiaren zabalkundea egitea. Hamabi neska horien artean daude Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan bizi diren adingabe batzuk. Berri agentziek jakinarazi dutenez, atxilotuak gazteentzako webguneen bitartez egiten zuen lehen hartu-emana neska adingabeekin. Eduki sexuala zuen materiala lortzen zuen mehatxuen bidez, eta gero zabaldu egiten zuen. Adingabe batek Nafarroan jarritako salaketa bati esker ireki zen ikerketa, berri agentzien arabera.
2020-12-16
https://www.berria.eus/albisteak/191232/delitu-terrorista-al-da-bakea-negoziatzea-ez-du-zentzurik.htm
Politika
«Delitu terrorista al da bakea negoziatzea? Ez du zentzurik»
Uztail bukaeratik baldintzekin libre dago Josu Urrutikoetxea, eta Parisen bizi da. Euskal gatazkako azkeneko bi elkarrizketa mahaietan ETAren ordezkaria izan da. Parisek epaitu egingo du horregatik. Madrilek, bide batez, bere esku nahi du. Bakearen eta konponbidearen alde aritu izan dela esan du euskal preso ohiak. Papereko elkarrizketaren bertsio luzea da hau.
«Delitu terrorista al da bakea negoziatzea? Ez du zentzurik». Uztail bukaeratik baldintzekin libre dago Josu Urrutikoetxea, eta Parisen bizi da. Euskal gatazkako azkeneko bi elkarrizketa mahaietan ETAren ordezkaria izan da. Parisek epaitu egingo du horregatik. Madrilek, bide batez, bere esku nahi du. Bakearen eta konponbidearen alde aritu izan dela esan du euskal preso ohiak. Papereko elkarrizketaren bertsio luzea da hau.
Parisko hotel batean izan zen juntadizoa Josu Urrutikoetxea (Ugao, Bizkaia, 1950) ETAren ordezkari ohiarekin: herenegun, arratsaldez. Jarioa dauka hizketan, pasioz mintzatzen da, informazioa eman du, eta gogoetak egin ditu. Hiru orduko solasaldia izan zen. Iazko maiatzaren 16an atxilotu zintuzten. Frantziako Alpeetan zinen. Niretzat magikoak diren gune haietan. Betidanik maite izan dut mendia. Han aurkitu nuen elkartasunari esker, ez nuen inolako arazorik izan hango bizitzan integratzeko. Zortea nuen: goizean jaiki eta ikusten nuen lehen gauza Mont Blanc mendatea zen. Egun hartan operatzera al zindoazen? Bai. Egun batzuk lehenago mediku batengana joan nintzen, osasun arazo bat nuelako. Hark agindu zidan azterketa batzuk egiteko, eta horiek egitera joan nintzen atxilotu baino bi egun lehenago. Berehala esan zidan arazo larri bat zela eta ospitalera joan beharra zegoela. Larrialdietara joan nintzen eta nahikoa azkar hartu ninduten. Handik bi egunera itzuli nintzen. Goizeko zazpiak ziren, eta ordu laurden batera ebakuntzaren prestaketak egiteko hitzordua nuen. Ate aurrean atxilotu ninduten. Protokolo jihadista dela-eta erietxeek bertara doazen pazienteen izena eman behar dute. Nik beste izen bat eman nuen. Erabiltzen nuen izena Bruno Marti zen. Horren izeneko paperik ez nuen aldean, eta [ospitalean galdetu zidaten] ea zergatik ez. Betikoa [erantzun nien]: larrialdietara joan nintzela, eta larrialdietara doan batek batzuetan guztia ahazten duela. Nola pasatu zen atxiloketaren momentua? Ez zen ezer bortitza izan. Frantziako poliziak soilik al zeuden? Bai. Dozena erdi bat, ez gehiago. Guardia Zibilak esaten du bera ere han zegoela, emakume guardia zibil bat joan zela zugana. Hori txorakeria bat da. Ni [erietxera] eraman ninduen tipoa, Gerard, goi mendietako gida bat da. Mendiko etxalde batean nengoen ni garai haietan. Erietxera Gerardekin joan nintzen, autoan; utzi ninduen, atera zen autotik, ni gero, eta bat-batean irten ziren poliziak txokoetatik, baina ez lasterka, poliki-poliki baizik. Polizia zela. «Lasai, lasai», zioen batek; «Josu», esan zidan, gainera. Bazekiten, hortaz, zu zinela. Bai. Agian, ikustean ohartu ziren. Aurretik ez? Harrituko nintzateke aurretik izatea. Norbaiten datuak, pistaren bat edo zerbait dutenean, Frantziako Poliziak —eta Espainiakoak— orain arte erabilitako sistema zera izan da: aurretik argazkiak ateratzen dira, tokiak ateratzen dira... Beti egiten dute montajea. Garai horretan, ordea, ezer ez zen niri buruz. Polizia operazio bat izan al zen? Bai, baina momentukoa. Aurretik ere zu atxilotzen saiatu ziren: 2011n, 2013an... Norbait atxilotzerakoan beti agertu izan dira argazkiak, lehenago edo beranduago… …eta zure argazkiak atera ziren 2013an. Badakit nondik atera zituzten, konturatu nintzelako. Egun batzuk lehenago banekien han zebiltzala. Berehala konturatu nintzen. Eta, ihes zuk. Bi urte lehenago ere, Mont Blanc inguruan, ospa egin zenuen beste batekin. Bada istorio bat: abisu dei bat jaso zenutela Kenyatik. Ondo dakite hori zirku bat dela. Dei horrek beste istorio bat dauka, eta ondoren jakin nuen, kasualitatez: kontrabandoan zebilen nire lagun bati deitu omen zioten, esanez «hitzordu hau uzten dugu». Hortik dator muntaiaren haria. Zirku bat. 2004an ere izan nuen atxilotze saio bat, Ipar Euskal Herrian. 1987an ere bai, Senperen. Argazkietan eta bideoan Josu Urrutikoetxea, joan den astelehenean, Parisen, BERRIAren elkarrizketan. BERRIA Nabari da Madrilek ETAren ibilbidearen ikurtzat hartzen zaituela. Hori da haiek egiten dutena nitaz. 1971n ihes egin nien lehen aldiz, Sollube inguratu zutenean. Agian, istorioa hortik dator. Botere mediatikoa dela medio, gure borroka haiek muntatzen dituzten istorioekin beteta dator. «Burua atxilotu dugu». Handik bi hilabetera, gauza bera. Iduri du historian zehar murgildu beharko ginatekeela bisigodoen garaira, Domuit Vascones idazten zutenean. Horren kopia bat da. Horrela segitzen dute. Espainiak bere esku nahi zaitu, eta bi euroagindu eta bi estradizio eskatu zizkion Parisi iaz. Zer aurreikusten duzu? Egia esateko, etorkizun beltza. Espainiako Estatuak nirekiko izan duen jarrera beste askorekin izandako bera da. Bina estradizio eta euroagindu eskaera daude, zera gehiago ez dituztelako asmatu edo muntatu. 1996tik 2000ra espetxean egon nintzenean, ni inplikatzen saiatu ziren Zaragozakoagatik [1987] eta. Kontua da ez zegoela ezer. Zenbait aldiz pasatu ote nintzen [Baltasar] Garzon epailearen aurretik… Baina ez aipatutako kasu horregatik bakarrik; urte haietan hogei edo ez dakit zenbat kasu ireki zituzten nire aurka. Guardia Zibilak esaten du ETAren zuzendaritzako kide zinela garai hartan, eta, beraz, zure oniritzia ere jaso zuela Zaragozako kuartelaren kontrako erasoak. Argudio horrekin, zergatik ez ninduten auzipetu 1996tik 2000ra artean? Haien esku nintzen, espetxean. Horrek esan nahi du beste zerbait dagoela. Aldi hartan [Juan Manuel Soares] Ganboarekin izan nuen aurrez aurreko bat Auzitegi Nazionalean; Garzonek galdetu zion ea nolatan zeukan nire inplikazioaren berri, eta erantzun zuen jakin ez zekiela zuzenean, baina giroan aipatzen zela. Inolako frogarik ez zuen eman. Zu garai haietan ETAren nazioarteko taldean al zenbiltzan? Hala da. Alain Ortegak, Frantziako Informazio Zerbitzuetako operazioburuak, dio Argala komandoak egin zuela Zaragozakoa, eta ETAren buru militarrak baino ez zuela talde haren berri. [ETA] Erakundean betidanik, eta hori segurtasun neurri bat zen, ahalik eta jende gutxienak jakin du nortzuk ziren komandokoak, zer egiten zuten eta non zeuden. 1987ko abenduko atentatu hartan 11 lagun hil zituen ETAk; haietatik bost, haurrak ziren. Zer eragiten dizu horrek? Orain desberdin ikusten al da? Distantziatik beti gauzak beste era batera ikusten dira. Biolentzia sekula ez da, nire irudiz, helburua izan erakundearentzat, erakunde politiko bat zelako, borroka armatua egiten zuena, baina tresna politiko bezala. Bortxa erabiltzea ez da sekula helburu bat. Erabiltzen duenak badaki —eta, kasu honetan, etsaiak ere bai— kalteak egon daitezkeela, eta erakundea beti saiatu zen albo kalte horiek ekiditen. Eta hori oso zaila da. Bueltaezinezko kalteak larriak dira denentzat. Ni betidanik kezkatu nau horrek, eta hori sentitu dut barru-barruan. Eta bigarrenik, kuartelei buruz ari garenez, erakundeak 1980ko hamarkadan behin baino gehiagotan argi utzi zuen ez zituela soilik eurak [guardia zibilak] helburutzat hartuko, baita kuartelak ere, horrek suposatzen zuenarekin. Gertatu zen gertatu zena eta inork nahi ez zuena. 1980ko hamarkadan ETAk jauzi bat eman zuen: bonba-autoak. Albo kalteak ere eragiteko, arrisku handiagoa... Halaxe da. Horrelako tresneria erabiltzerakoan arriskuak ere bikoizten edo hirukoizten dira. Kontrola zaila da. Jende batek esan izan du orduan hasi zela ETArekiko babes sozialaren galera bizkortzen, hildakoak zibilak ere izaten zirelako. Jendeak baino gehiago, mundu mediatikoan erabiltzen den argudioetako bat da hori. Erakundea aspaldi desagertuko zen, baldin eta ez balitu izan Euskal Herrian eta kanpoan elkartasuna, laguntza eta inplikazioa. Segituan ateratzen dituzte bateria guztiak terrorismo esaten diotenaren inguruan. Terrorismo hitza zaku handi bat da, non zernahi sar daitekeen. Inork ez du erabili estatuak bezainbeste. Zeu hiltzen saiatu ziren, 1975ean, atentatu bat eginda. Hori baino lehenago jarri zituzten lehergailuak iheslariak mugitzen ziren lekuetan, etxe batzuen aurrean… GAL baino askoz lehenago ja, gu geu arduratzen ginen iheslarien segurtasunaz. Nire hori 1975eko ekainaren 5ean gertatu zen, Miarritzeko auzo batean. Lagun batek utzi zidan kotxea. [Seme] Egoitzek urtebete zeukan eta [alaba] Irati jaio berria zen, eta medikuarengana joan behar ginen. Etxean preso bati eskutitz bat idazten ari nintzaion bitartean auto hura lehertu egin zen. Zaragozako auzia zela eta, 2002an berriro sasira jo zenuen. Muntaia guztia 2001ean egin zuten: Auzitegi Gorenera eraman zuten gaia, eta inplikatu egin ninduten. Gustura ikusiko nuke urte hartan zenbat orri idatzi ziren. Gasteizko parlamentuan ere bizi behar izan nituen momentuak, batzuetan ez zidatelako hitz egiten uzten. Kristoren zurrunbiloa zegoen, eta ez nuen inolako bermerik. Erabaki nuen ez aurkeztea Gorenean, eta berriro sasian sartzea. Sasira joanda, zer helburu zenuen? Zalantzak nituen Lizarra-Garazikoaz [1998-1999]: «Zer hostia gertatu da hemen?». Kontua zen horri nola buelta ematen genion. Zortea izan nuen, aurkitu nituen erakundeko militanteak eta erakundearen inguruan mugitzen ziren beste batzuk perspektiba horretan mugitzen zirelako: nola egin bide bat hori negoziazio batean buka zedin. Erakundeak urratsak egin zituen, eta paraleloki —ni gero enteratu nintzen— Arnaldok [Otegi] bazuen nolabaiteko harremanena Jesus Egigurenekin urteetan. Tantak, nahiz eta harri gainean erori, zuloa egiten du. Zer gertatu zen Lizarra-Garazin? Lizarra-Garazikoa ez nuen zuzenean bizi; garai horiek kartzelan egin nituen. Egia esateko, ez nuen ulertu zergatik apurtu zen; agian, ez nuelako batere segitu aurretik. Baina, niretzat, kristoren urratsa zen [akordioa]: bagoaz herri fronte baten bila, lortzen dugu... Gero badirudi EAJk ez duela betetzen eta apurtzen dugu… Baina EAJ badakigu nolakoa den betidanik. Beti pentsatu izan dut, diplomaziaren munduan, norbaitekin esertzen bazara eta norbait hori estatu bat edo EAJ bezalako indar politiko bat bada, jakin behar duzula zerbait izenpetu eta hurrengo egunean pareko horrek ez duela izenpetutakoa beteko. Herria prestatu behar duzu horretarako. Herriari esan behar diozu: hau gertatuko da, eta lekukoa zuek hartu behar duzue. Hori da egin ez zena Lizarra-Garazin, ezta 2005ean ere. 2005-2006ko prozesura iristeko eta orduan, zer lan egin zenuen? Lehen lana etxean egin beharrekoa da. Gerry Adamsek dio etxeko arazoak kanpokoak baino handiagoak zirela. 2005ean arazo horiekin topo egin nuen, 2005eko logika hori ez baitzen 2002, 2003 edo 2004koa. Atzerapauso izugarria da estatuarekiko konfrontazioan. Lana, zentzu askotan da; batetik, Txillarren [Elgoibar] zeramaten ibilbidea, eta, gure aldetik, berdin. Gure esatean, ez naiz erakundeaz bakarrik ari; hori baino zabalagoaz: gizarte zibilaz. Prozesu haren aurretik Henri Dunant Suitzako zentroarekin harremanetan jarri zen ETA. Nik gogoan dut kide batek aipatu zidala Henri Dunanteko [HD] bat ezker abertzalearekin Bizkaian harremanetan jarri zela, esanez prest legokeela lan bat errazteko. Betidanik nolabaiteko distantzia hartu nuen horrelako erakundeekiko, beti mugitzen direlako estatu batzuen interes jakin batzuen arabera. Hortik eta horretarako bizi dira. Poliki-poliki harremanak izan genituen horiekin, hitz egin genuen argi eta garbi, erakutsi ziguten zer zen, nola sortu zen, zer jende zegoen, non ibili diren, nortzuekin, nola… Gauzak zehazten joan ziren 2004ko giroan. Testuinguru horretan gertatu ziren Madrilgo [martxoko] atentatuak eta hauteskundeak. Madrilen gertatu ziren atentatuek erakusten dute zer den terrorismoa, edo estatuek egin dutena: inora begiratu gabeko sarraskiak. Mugitzeko askatasun bat izan zen prozesu hartan. Esaten da bazenituztela telefono batzuk… 2005eko ekainean heldu ginen Genevara; Henri Dunantekoek eraman gintuzten Frantziako Estatutik Suitzara. Suitzako Gobernua federala da, eta horretaz arduratzen dena Justizia Ministerioa da. Henri Dunant zentroak harremanak zituen gobernuan zeuden arduradun batzuekin. Haiek bazekiten zertan ari ziren HDkoak, nahiz eta gobernuak ofizialki jakin ez. Gobernuko jende batek bazekien gu zertara gindoazen eta gu HDren menpe geundela. Egun batzuk beranduago, zentrokoek esan zuten hitzordua genuela hurrengo astean, Jesus Egigurenekin. Esan nion ezagutzen nuela parlamentutik. Genevako laku ondoko hotel batean elkartu ginen lehenengo aldiz. President Wilson hotelean. Beste batzuetan ere bai gero. Genevatik kanpo ere, leku askotan: mendian… Lehen bilkura izan zen gauza sinpleak baina elkarrizketa guztietan eman beharreko lehen pausoak zehazteko: nola eraman behar genituen hasierako elkarrizketak. Horren aurretik bazen oinarrizko gauza bat: nola bermatzen zen gure segurtasuna? Horretarako, zentrokoek esaten ziguten Suitzan ez zegoela arazorik, baina guk genioen Frantziako Estatura joan nahi bagenuen ezin genuela; Egigurenek [Espainiako orduko Barne ministro Alfredo Perez] Rubalcabari hots egin ziezaiokeela, baina guk ezin genuela deirik egin. Berme batzuk behar genituen, eta Egigurenek eskatuko zion Rubalcabari, hark Espainiako zerbitzuei, haiek Frantziakoei, eta hurrengo bilkuran eman zizkiguten bi telefono zenbaki. Victor Garcia Hidalgo Espainiako Poliziaren zuzendari nagusiarena eta Christian Lambertena, Nicolas Sarkozyren konfiantzako kidearena, ezta? Hala da. Baina zeinenak ziren ez genekien orduan. Hori jakin zen Ion Iurrebaso 2006an atxilotu zutenean, martxoan: poliziak begiratzen hasi ziren, eta ohartu ziren telefono horiek bi haienak zirela. Frantziako Poliziarekin arazorik izanez gero eman zizkiguten, bati deitzeko; eta Espainiakoarekin izanez gero arazoak, besteari hots egiteko. Zer moduz ibili zineten berme horiekin? Neuk ez nituen erabili behar izan telefono horiek. Gu mugitzen gintuen jendea HDkoa zen. Nolabaiteko babesa zegoen, Suitzak, Frantziak eta Espainiak bazekitelako. 2005eko ekainaren 21ean izan zen ETA-Madril lehen bilera, Genevan. Zer eratara hartu zenuen parte zuk? ETA erakundeak hautatutako ordezkari baten gisara, Espainiako Gobernuaren ordezkariarekin hitz egiteko. Eta gero erabakiak ETAren zuzendaritzak hartzen zituen. Bai, noski. Helburu orokor bat zegoen, eta horren barnean mugitu behar ziren adostutako adierazpenak. Zu ETAko zuzendaritzako kidea al zinen? Ez, ez, ez. Frantziako Poliziaren txosten konfidentzial batek ez zaitu etakide ere jotzen; ordezkari. Hala dio, argi eta garbi. Pasa den urrian Frantziako hedabide batzuei emandako elkarrizketetan esan zenuen harreman asko egin zenituztela Euskal Herriko eragileekin ere. Eragile ezberdinekin. Kanpoko jendearekin ere bai. Elkartu ginen lehenengo pertsona Norvegiako enbaxadorea izan zen; Genevan bizi zen eta bere etxera gonbidatu gintuen aperitifa hartzera. Bagenekien Norvegia prozesuaren atzean zegoela. Aste batzuk geroago, Norvegiak berak eskatu zuen akordioa, formalitateak, Norvegian egiteko. Zer zenuen buruan? Dena nola izan behar zen muntatua nuen buruan. Gogoratzen dut lehen bilkura egin genuen hotelean orri handi batzuk zeudela, eta Jesusi esan niola —gazteleraz, zentroko pertsona bat zegoelako dena hartzeaz arduratzen zena, gero gordetzeko—: «Azalduko ditiat gure iritziak zeintzuk diren». Azaldu nion orri horietako batean, eta Jesus harrituta geratu zen: «Kristoren lana egin duzue, ondo iruditzen zaidak pauso horiek ematea». Zehaztapen batzuk egin zituen, baina orokorrean hori hartu genuen oinarritzat. Hor nonbait egongo da gordeta orrialde hura ere. Halaxe hasi ginen, urratsez urrats, eta ia bukatzear zegoela, nahikoa definituta zela, Norvegiara eraman gintuzten. Guk ez genekien nora gindoazen; bai Norvegiara gindoazela, baina ez justu nora. Han aireportuan atzeko atetik atera ginen, paperik erakutsi gabe, eta dozena bat polizia kotxe zeuden bertan; hotel batera eraman gintuzten. Hartu-eman ona al zegoen Madrilen eta ETAren ordezkaritzen artean? Gure taldearen helburua zen gatazkaren ondorioak lantzea, konpontzea, horrek esan nahi zuenarekin. Presoak, biktimak, armategiak, iheslariak…; oso mundu konplexua da. Horra heltzeko, adostasun batera heldu behar zen: zein izango zen erakundeak egin behar zuen adierazpena eta zein [Espainiako Gobernuko presidente Jose Luis Rodriguez] Zapaterok egin behar zuena. Hori dena eztabaidatu behar zen: nork egin behar zuen lehenago, zer terminotan, nola, noiz egin behar zuen Zapaterok, zein testuingurutan… Dena, puntuz puntu. Eta eztabaidatu zen. Aurreneko bilera saila 2005eko uztailaren 14an bukatu zen. Pozik atera al zinen? Sinisten nuen, ikusten nuen aukera zegoela. Baina sinismen hori hara joan aurretik hankaz gora bota zidan erakundeko zuzendaritzako batek esan zidan zerbaitekin, ohartu nintzelako hark zuen pentsamoldea negoziaketari buruz eta nirea punta batean eta bestean zeudela. Konturatu nintzen erakundean zerbait gertatu zela. Noiz izan zen bilera hori? Ekainean Genevara joateko kotxea hartu genuen bezperan; zuzendaritzarekin. Kontua da nik lehenengo faseko eztabaida horietan parte hartu nuela, hain zuzen barneratuta neukalako negoziazioari buruzko ikuspegi bat: erakundeko zuzendaritzan barneratuta zegoen ibilbide bat. Zer gertatzen da? Tarte horretan, erabaki horiek hartu zituzten erakundeko militanteak erori zirela, poliki-poliki. Gero jakin dugu erakundeko zuzendaritza kontrolatuta zegoela goitik behera. Kontua ez zen bakarrik prozesu bat ekiditea, baizik eta erakundearen barruan inplosio bat probokatzea. Poliziaren helburua hori zen. ETAn beste ildo bateko jendeak hartu al zuen zuzendaritza? Bai, ikusi zenez. Konturatu nintzen zerbait gertatu zela, ez nekien zer, baina zerbait, eta esaten nuen: «Oker nabil; hor komunikazioa eten egin da». Pentsatzen nuen Damoclesen ezpata nuela. Ikusten al zenuen Espainiako Gobernua akordio baterako borondatearekin? Hura hankaz gora joan bazen, ez zen bakarrik Madrilen jarrerarengatik. Ez baduzu negoziaketa batean sartzeko gogorik eta ez baduzu sinesten, orduan zer egingo duzu? Eta pentsatzen baduzu oraindik borroka mota horrekin aurrean daukazun etsaia menperatuko duzula, gaizki zabiltza. 2005eko abendu hasieran Osloko aurrekordioa lortu zenuten. Gustura geratu al zinen? Noski baietz. Pentsatzen dut zuzendaritzak ez zuela sinesten guk [ordezkariok] zerbait lortuko genuenik. Hori izan zen lehenengo ezustea. Ni paperarekin heldu nintzenean, «hostias, hau lortu da?», esan zuten. Baina 2006ko otsailean ETAk aldaketa batzuk egin zizkion Osloko akordioari. Garrantzitsuak? Egon ziren zehaztapen batzuk. Ez al zeunden baikor orduan? Ez, baina neure artean nioen ea buelta ematen genion giroari. Martxo bukaeran su-etena eman zuen ETAk. Dinamika batean sartuta zegoelako. Zapaterok 2006ko ekaineko adierazpenean esan zuen errespetatuko zuela euskal herritarrek erabakitakoa. Hori adostu al zenuten Oslon? Bai. Erakundearen su-eten agiria ere bai. Besteaz, egia da erabaki zen adierazpena ez zela izan hitzez hitz Zapaterok egin zuena. Guk adostu genuena argia zen. Sinpleki, helburua hau zen: esatea Espainiako Estatuak onartuko zuela euskal herritarrek demokratikoki bere geroari buruz erabakiko dutena. Eta hori zen lehen fasea. Bigarrena hasiko zen gero: eragileen artekoa eta teknikoa, ondorioena. Euskal eragileekin hitz egiten zenutenean, zer sumatzen zenuen? Horren esperoan zeudela. Ezker abertzalekoak ere bai, urrats batzuk egin zirelako. Bi mahaiko eskema plantetatzen zen, eta bakoitzak bere garapena edukiko zuen. Batasunaren Anoetako proposamena hor kokatu behar da (2004-11-14). Garrantzia izan zuen, baina ez bakarrik Euskal Herrian. Nazioarteko eragileek ere oso garbi ikusten zuten. Ikusten zuten hori egingarriagoa zela. Zapateroren adierazpenaz ETAk balorazio bat egin zuen eta Batasunak beste bat, baikorragoa. Hala da. Ezker abertzale osoan 1995ean eman al zen eskema horretarako lehen pausoa, ETAk Alternatiba Demokratikoa aterata? Orduan hasi zen erakundea bide hori marrazten. Hala ere, KASen garaian hango arduradunei esaten nien gaztainak sutatik herriak atera behar zituela, eta helburu politikoak lortzea ez zela borroka armatuaren esker izango, baizik eta herriaren lanari eta presioari esker. Baina mentalitate aldaketa hori gerora hasi zen ematen. Dena dela, nik esango nuke oraindik orain hori lortzeke dagoela, baina distantziatik esaten ari naiz, ez nagoelako Euskal Herrian orain. ETAk errei teknikoan parte hartu behar baldin bazuen, zergatik negoziatu zuen Zapateroren adierazpena? Adierazpena giltza baitzen bi mahai horiek abian jartzeko, bi prozesuak irekitzeko. Elkarrizketen lehen fasea hori dena zehaztea zen. Bigarren fasea jarri zen mahai gainean, gauza zehatzez hitz egiteko. Zure azken bilerak, 2006ko irailean? Ni Oslotik udan atera nintzen. Espainiaren ordezkarietako Jose Manuel Gomez Benitezek 2017an BERRIAn zioen bere lehen bilerak 2006ko irailaren 26, 27 eta 28koak izan zirela, eta zuk orduan utzi zenuela, zure azkenak izan zirela. Hala izango da. Gauza batzuk ahaztuta ditut, nahita edo. Guardia Zibilak dio zure azken bilera abenduaren 15ean izan zela. Ez, ziur ezetz. Zeure kabuz utzi al zenuen mahaia? Bai. Madrilen ordezkariei jakinarazi al zenien? Nik haiei ez nien ezer esan. Nori esan zenion? Henri Dunantekoei. Esan nien arazo pertsonalak nituela. Ez zuten sinistuko, baina… Bilera sail hartara batu al zen lehenengo aldiz Xabier Lopez Peña ETAren ordezkaritzara? Bai. Mahaian ere, aldaketaren seinale? Bai. Ez zuen prozesuan [hartan] sinisten. 2006ko irailean bertan hasi ziren Batasuna, PSE-EE eta EAJ Loiolan [Azpeitia] hizketan, hilaren 20an. Bilera horien berri izan al zenuen? Ez. Dena moztu nuen. Lehenago, abuztuaren erdian, ETAk agiri batean zioen Madrilen «erasoek» segitzen bazuten, «erantzun» egingo zuela. Atentatua egin zuen abenduan, Madrilen, T4an. Bi hildako, zibilak. Nik pentsatzen nuen su-etena apurtuko zela, baina ez ekintza bat eginda su-etenean. Izan ere, erakunde bat su-etenean badago, ekintza bat egiteak ez du ez bururik ez hankarik. Euskal Herrian izugarrizko garrantzia eman izan zaio erakundearen hitzari. T4koarekin zerbait apurtu zen euskal herritarren barruan, eta jendeak ez zuen ulertu. Konponbide integralerako azkeneko trena izan al zen 2005-2006koa? Momentuan ezin zen esan hori. Urteak pasatu eta gero, esan daiteke. Zergatik ez zuen izan segidarik? Estatuak jarritako trapura zezen bat bezala sartu zen erakundea, eta hori da ekidin behar duzuna negoziaketa batean. Zuk negoziaketa batean sinisten baduzu, jakin behar duzu estatuak jukutriak mila egingo dituela. Zuk, herrira heltzeko, ezker abertzaleko koadro eta oinarriak landu behar dituzu, jabetu daitezen nola jokatuko duen estatuak; eta, bestetik, helarazi erakundea bukatzera zihoala eta oinarriak borrokatu behar zirela. Hori ez bada hedatzen, desilusioa sortzen da, ez dagoelako goitik beherako komunikaziorik. Ezker abertzaleak ez zeukan erraza orduan, legez kanporatzeagatik. Zaildu egiten zuen lan hori egitea, baina beste gauza batzuk egin ziren bezala, hori ere egin zezaketen. Une hartan lehentasuna ezker abertzalearen biziraupena zen, baina horrekin zerikusia zeukan egoera horrek ere. Zu Aljerko elkarrizketa prozesua (1989) prestatzen ibili zinen, ezta? Bai. Aljeriara joan al zinen horretara? Askotan. ETAren nazioarteko taldeko kide modura? Bai. Hura izan zen ETAren eta Madrilen arteko lehen elkarrizketa mahai ofiziala. Izugarrizko urratsa zen hori, ez erakundearentzat, baizik eta Euskal Herriak zeraman borrokarentzat. Aljeriak Euskal Herriaren ordezkarietako bezala hartu zuen ETA, eta parean, estatu baten ordezkaritza zegoen: Espainiarena. Prozesu hark ere porrot egin zuen. KAS Alternatibarekin joan zen erakundea: Hego Euskal Herriak bere etorkizuna erabaki, lauko autonomia… Gutxieneko taktiko bat zen. Baina impasse batean sartu zen prozesua. Madrilek termometro bat jarri nahi izan zuen, noraino iritsi nahi genuen ikusteko. ETAk, 1989ko martxoan, besteak beste zeu izendatu zintuen elkarrizketa mahaira batzeko. Frantzian kartzelan nengoela jakin nuen hori. Gogoratzen naiz Julen Madariaga ere gurekin espetxean zegoela, eta esan zidan laster aterako nindutela ni. ETAk elkarrizketa mahaian nahi ninduela enteratu zelako zioen hori Madariagak, baina nik jakin ez... 1999an ere gertatu zitzaidan antzekoa: Alcala-Meco [Espainia] kartzelan nengoen, eta egunkarian irakurri nuen berria, besteak beste ni izendatu nindutela mahaiaren bigarren bilerarako… Aljerkoaz ari garela, zein zen 2005-2006ko prozesuarekiko aldea? Aljerren mahaian dena eztabaidatu nahi zen. 2005ekoan erakundea ez zen aurkeztu, Aljerren bezala, herriaren ordezkari modura, eta etorkizuna gure herriko ordezkari politikoen eskuetan utzi nahi zen. Zer egin zenuen 2007tik aurrera? Neure bizitza. Pirinioetako herri batean, Frantzian: Durban-sur-Arizen. Integratuta nengoen. Ia egunero goizean goiz kirola egitera joaten nintzen, gero gosaldu, ondoren auzoko baserritarrei lagundu, mendira egurra egitera joan, baratzan aritu... Baserriko lana! Ondo konpontzen nintzen haiekin. Zer zekiten zutaz? Ezer ez. Han zu zinen... Daniel Martin. Espainiar jatorriko bat, Frantzian bizi izandakoa eta Parisen ikasketak egindakoa. Ez al zenuen harremanik ezker abertzalearekin eta. Ez. Ez nintzen sartzen Interneten ere. Harreman bakarra familiarekin nuen, oso noizbehinkakoa. Polizia sumatzen al zenuen? Orduan ez. 2007ko maiatzean elkarrizketak hautsi ondoren, ezker abertzaleak estrategia aldatzeko bideari modu azkarragoan heldu zion. Ondotik jakin nuen hori, bisita jasotzean USB batean urte osoko informazioa pasatzen zidatelako: egunkarietako artikuluak, ezker abertzaleko txostenak… Besterik gabe nekien horren berri. Egin beharrekoa al zen aldaketa? Bai, noski. Eskatu al zizuten ekarpenik? Ez. Eskatu izan balidate ere, ez nuen egingo. 2011-2013an Oslon izan zinen, ETAren jarduera armatuaren bukaeraren ondoren, haren ordezkaritza taldean. Hasieran ez nuen batere gogorik. Nolatan joan zinen, beraz? Nazioarteko gobernuz kanpoko erakundeek eskatzen zuten [ni Oslon egotea], nolabaiteko berme bat zelako beraientzat. Bustita zeuden gobernuek ere esan zuten ibilbidea zuen norbait nahi zutela. Horregatik konbentzitu ninduten. Hasieratik nire kezka zen han topatuko nituen erakundeko ordezkariek txipa aldatua zuten edo oraindik eskema militarista batean segitzen zuten. Orduan esan zidaten 2009ko bihurgunea [estrategia aldaketa] ematen ibili ziren militanteak zirela, eta abar. Ados. ETAk 2011ko urriaren 20an jakinarazi zuen betiko bukatu zuela jarduera armatua. Zuri noiz eskatu zizuten Oslora joateko? Bizpahiru hilabete lehenago. Esan zidaten Madrilekin harremanak zeudela, Henri Dunanten bidez, gatazkaren ondorioetarako bide orri bat lantzen ari zirela, eta Aieteko konferentzia egongo zela… Ikusi nuen forma bat hartzen ari zela. Nola joan zinen Oslora? Ariegeko [Frantzia] herrixka batean hitzordu bat jarri zidaten. Henri Dunanteko kide bat etorri zitzaidan bila, eta [Norvegiaren] auto diplomatiko batean sartu ginen; Pariseraino. Han [Norvegiako] enbaxadan sartu gintuzten, lo egin genuen, eta hurrego egunean auto bera hartu eta 22-23 orduz joan ginen, eta David [Pla] eta Iratxe [Sorzabal] zeuden hotel batera heldu. Ezagutzen nuen hotel hori, akordioa lortu genuen hotela baitzen; Oslotik ordu eta pikura dago, herrixka batean. Madril ez zen azaldu Osloko mahaira. Ez. Keinurik ere ez azaltzeko? 2012 bukaeran Vatikanoko kargu handi bat bilkura batera agertu zitzaigun, esanez [Jorge] Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak deitu ziola eta haren partez galdera bat ekartzera joan zela Oslora. Galdera zen ea prest geunden gu hitz egiteko. Guk baietz, nola ez, urtebete generamala Espainiaren zain. Jaso zuen gure erantzuna, eta esan zigun helaraziko ziola Madrili. Geroztik ez zen inolako erantzunik iritsi. Ez dakit zer gertatuko zen. PPren gobernuan dena kontrolatzen zuena [Jorge] Moragas zen, eta, agian, iritsiko zitzaion Barne ministroa zerbaiten ari zela eta moztu egingo zuen saioa. Baina ez dakit. 2012ko martxoan ziren Espainiako Gorteetarako hauteskundeak, baina Zapaterok udan 2011ko azarora aurreratu zituen. Urte erdi batek jokoa emango zukeen. Nik uste dut Osloko mahaia aurrera aterako zela. PPk gehiengo osoa lortu zuen, gainera. Bai, baina aztertu behar da [Mariano] Rajoy presidentearen izaera ere. Ez da erabaki asko hartzekoa izan. Garai hartan, 2012ko abenduan, Rajoy Norvegiara azaldu zen Europako Batasunari emandako Nobel saria zela medio, eta egon zen Norvegiako Gobernukoekin, baina gure kontuaz hitz bakar bat ere ez zien esan. Zer giro zegoen Osloko mahaiaren bueltan? Inork ez zuen ulertzen espainolen jarrera. Esaten zuten mila gatazkatan ibiliak zirela eurak eta horrelako jarrerarik ez zutela ezagutu. Nazioarteko komunitateak ez al zuen Espainia presionatzeko nahikoa indar ala borondate izan? Nazioarteko kontu guztiak interes batzuen arabera mugitzen dira; gehienetan, interes ekonomikoak izaten dira tartean, Yemen, Siria, Irak edota Kolonbiako gatazka izan tartean. Sekula ez da ezer doan ematen. Eta Euskal Herria zer da mundu globalizatu honetan? 2011ko urritik 2013 hasierara zuen taldea modu iraunkorrean egon al zen Norvegian? Hantxe egon ginen, bai, Oslon eta. Noiz arte justu? Ni, 2013ko otsailera arte. Beste bi kideak pixka bat lehenago atera ziren, ez dakit justu noiz. Zer modutara atera zineten? Kanporatuak izan ginela esan izan dute, hala saldu izan dute batzuek. Norvegiatik pasaporte diplomatikoarekin hegazkinez atera nintzen ni, eta neuk eskatutako tokira eraman ninduten. Modu bitxia kanporatua izateko, ezta? Nora joan zinen, Frantziara? Durban-sur-Arizera berriro. Gau batez heldu nintzen. Elurra ari zuen. Jendea zain nuen, mahai baten bueltan, afaltzeko. Esan nien Parisen egon nintzela urtebete pasan, ikasketa batzuk egiten. Haiek ez zuten hedabiderik kontsumitzen, eta ez nuen arriskurik. Eta berriro, baserritar lanean? Bai. Parisek datorren urtean berriro epaituko zaitu 2005-2006ko eta 2011-2013ko prozesuengatik. Epaiketa baterako ETAren talde aparatuko burutzat jotzen nau, eta esaten du jende batekin elkartzen nintzela bake negoziazioak prestatzeko. Horrek zer esan nahi du? Bakea negoziatzea delitu terrorista al da? Ez du zentzurik akusazioak. Gainera, froga batzuk aldatzen ari dira, zehaztasunik eman gabe eta. Madrilen esanetara al dago Paris? Bai. Ipar Euskal Herrian egin dute lan bat Parisengan eragiteko asmoz. Lan handia izan da, baina ez da armagabetze prozesuan bakarrik egin. Iparraldea txikia da, 300.000 biztanle baino ez ditu, baina gatazkaren arloan munduko edozein gatazkentzat adibide bat izan daiteke. Segitu behar da eguneroko lanean, eta segitu behar da Parisen ateak jotzen, sareak osatzen... Etengabeko lana da. Espainiako Estatuan egiteke duguna da. 2018ko maiatzaren 3a: ETAren desegitearen eguna. Zergatik irakurri zenuen adierazpena? Eskatu egin zidatelako. Inguruan begiratzen dudanean, ikusten dut zoritxarrez aspaldiko kide asko ez daudela: hil egin zituztelako edo bestela hil zirelako. Haiek nik baino ibilbide sakonagoa eta zabalagoa zeukaten. Baiezkoa eman nuen, itxi behar zen bezala itxiko zela pentsatzen nuelako. Horretarako baliogarria izan bazen nik parte hartzea, ongietorria. Ba al zenekien beste norbaitek ere irakurriko zuela adierazpena? Bai. Eta aukera batzuk zeudela. Askoz lehenago eskatu al zizuten leitzeko? Ez. Egia al da zeu agertu zinen bideo bat grabatu zenuela? Bai. Norentzat zen? Ez dakit zer formatu hartu zuen, baina uste dut nazioarteko komunitateko batzuek ikusi zutela. Kanpora begira, grabazioko ahotsa baino ez zen gelditu. Zer sentsazio izan zenuen adierazpena irakurtzean? ETAren ibilbidearen bukaera zen… Gure herriaren eskubidearen aldeko borroka honetan une garrantzitsu bat izan zen hura. Baina ez zen ezeren bukaera bat. Gauzak egiteko daudela ikusi zen, eta denoi dagokigula egitea. Horren subjektua herria da. «Denoi dagokigu etorkizuna eraikitzea, bizi izan duguna berriro errepikatu ez dadin» Biktimak, euskal presoak, elkarbizitza... Agenda politikoan dauden gaiak dira, ETAk jarduera armatua bukatu zuenetik ia hamar urtera ere. Indarkeria egoerarik berriro ez izatearen alde mintzatu da Josu Urrutikoetxea. ETAk 774 pertsona hil zituen, hark 2018an aitortu zuenez. Bortxa tresna gisa erabiltzen delarik, guk bezala tresna politiko gisa helburu politikoak lortzeko, zoritxarrez atzeraezinak diren ondorioak ekartzen ditu. Behin Langraizko espetxetik [EAEko] parlamentura nindoala ertzainen kotxe batean, esan nion ertzain bati: «Zer uste duzu, gatilloa zapaltzen duenak plazer hartzen duela ala?». Hori pentsatzen badu, oker dago. Kontua da bortxa erabiltzean, nahiz eta helburua garbi izan, latza dela ondorio hori, eta hori betidanik sentitu dut. ETAk, bere desegitea baino pixka bat lehenago, eragindako minaz adierazpen bat atera zuen: 2018ko apirilaren 8an. «Barkamena» eskatu zien «gatazkan parte hartze zuzenik ez zuten» biktimei. Ez zen ondo hartu euskal gizartean. Bereizketa bat egin zuen erakundeak, batzuek ardura zuzenak izan zituztelako egoera orokorrean, zapalkuntza egoera horretan, eta hori esan zuen agiri hartan. Kontua ez da hainbeste barkamena eskatzea edo ez; kontua ez da atzera begiratzea eta hor bizitzea, baizik eta ikasgaiak ateratzea, eta berriro gerta ez dadin denon artean bitartekoak jartzea. Konpontzen ez den zerbaitek ondorioak ekar ditzake, nonahi. Gutxiengo batek gorrotoan eta mendekuan oinarritzen du bere jarrera. Ez dut uste horrela ezer eraiki daitekeenik. Hala ere, gutxiengo horri zor zaion errespetutik, denon artean eraiki behar dugu gure geroa. Etorkizun horren alde, neu sekula ez naiz oinarritu gorrotoan eta mendekuan. Ezker abertzaleari ETAren jarduerarekiko azterketa kritikoa egiteko eskatzen diote. Hitzekin jokatzen ari gara. Gure etorkizuna egunero eraiki behar dugu, jarrera baikorrarekin, eta hori denoi dagokigu, bizi izan duguna berriro errepikatu ez dadin. Hitz bat esatea magikoa al da? Eta bihar dena konponduta egongo al da? Kontua da txipa, logika, denon arteko eraikuntzan jartzea. Oraindik 225 bat euskal preso daude. Paris eta Madril konponbiderako mugitzen ari al dira? Presoen kolektiboak [EPPK] urratsa egin zuen, estatuen legedia betetzera zihoala esanez, baina zer gertatzen da? Besteak ez direla ari legedia betetzen, salbu kasu batzuetan. Noraino ausartuko dira, ez ezer berezia egiteko baizik eta legedia betetzeko? Bestelako pausoak eman beharko al lituzkete gobernuek? Euren legedia bete dezatela haiek, lehenik eta behin. Praktikan tokia badago Euskal Herriko kartzeletan. Ajuriaeneko paktuan [1988] badago idatzita baina argitaratu gabeko zerbait: [ETA] erakundeak borroka armatua geldituz gero, presoak kaleratu beharko liratekeela! Kaleratu! Zer nolako atzerapausoa eman den… Nola behartu litezke estatuak euskal presoen auzia konponbidean jartzera? Betiko botika mahai gaineratuko nuke: eguneroko lana, arlo guztietan, bakoitzak berean. «Praktika bat da» nazioa eraikitzea Nola ikusten duzu Euskal Herria? Distantziatik. Lehengo eta behin, ikusi behar dugu ez dela oasi bat. Eta, zoritxarrez, osasun egoera honek neoliberalismoak bultzatzen duen indibidualizazioa erraztu egiten du, eta sistemak hori baliatzen du, oraindik neurri sakonagoak hartzeko. Nahikoa nazio kontzientzia ba al dago? Gure geroa egingo dugu poliki-poliki, horrek ez nau kezkatzen. Kezkatzen nauena euskararen egoera da, euskararen erabilera. Denon ardura da, baina, batez ere, gazteena, haiek datozelako atzetik. Zeberion frankismoan kanpotik zetozenek ere euskaraz jakiten bukatzen zuten, baina 2002an hara bilkura batera joan nintzenean, eskolatik jolasera atera ziren haurrak gazteleraz hasi zirela ikusi nuen. Noski ikusten dela gogo bat nazioa eraikitzeko, baina eraikitzea praktika bat da. Burujabetza prozesu baterako prestatuta al dago Euskal Herria? Baldintzak badaude, arlo desberdinetan. Izugarrizko potentzial bat da. Eta independentziarako, euskal errepublikarako biderik ikusten hurrengo urteetarako? Euskal errepublika, zergatik ez? Baldintza denak ditugu. Belaunaldi berriek zentzu horretan borrokatzeko gogoa dutela ikusten dut. Beste mende batean gaude, beste tresna batzuk dituzte, guk ezagutu ez ditugunak, baina beste etsai batzuk ere bai, neoliberalismoak eta mundu globalizatuak ekartzen dituztenak, baina konfiantza emanez eta lan eginez egunero-egunero-egunero, guk ditugun tresnekin atzeraezina da egoera. Josu Urrutikoetxearen elkarrizketaren inguruabarrak (2020-12-15) Elkarrizketaren bilduma (bost hizkuntzetara itzulpenak, bideoak...)
2020-12-16
https://www.berria.eus/albisteak/191233/beste-675-kasu-atzeman-dituzte-hegoaldean.htm
Gizartea
Beste 675 kasu atzeman dituzte Hegoaldean
Bezperan baino 150 positibo gehiago zenbatu dituzte Hego Euskal Herrian. Dena dela, nabarmen test gehiago egin dira, eta, ondorioz, apaldu egin da positiboen ehunekoa: %4,5 da. Koronabirusak gutxienez 115 lagun hil ditu astebetean Hegoaldean.
Beste 675 kasu atzeman dituzte Hegoaldean. Bezperan baino 150 positibo gehiago zenbatu dituzte Hego Euskal Herrian. Dena dela, nabarmen test gehiago egin dira, eta, ondorioz, apaldu egin da positiboen ehunekoa: %4,5 da. Koronabirusak gutxienez 115 lagun hil ditu astebetean Hegoaldean.
Bigarren egunez jarraian, apaltzera egin du positiboen ehunekoak Hego Euskal Herrian: %4,5 da. Hala eta guztiz ere, hazi egin da egun bakarrean zenbatutako positiboen kopurua. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, birusa atzemateko 15.015 test egin ziren atzo Hegoaldean, eta 675 positibo detektatu dituzte. Astelehenean, berriz, 525 kasu atzeman zituzten, ia 5.000 test gutxiago eginda. Kutsatuen datuei dagokienez, Nafarroan atzeman dute kasu gutxien. Gobernuak aurreratutako datuen arabera, Osasunbideak 93 kasu atzeman ditu atzo egindako probetan. Zehazki, PCR probak eta antigeno testak aintzat harturik, 1.850 proba egin ziren atzo Nafarroan, eta horien %5ek eman zuten positibo. Hala, aurreko eguneko datuen aldean, bederatzi gutxiago zenbatu dituzte. Azaroaren 27tik aitzina, egun bakarrean erregistratutako positiboek ez dute inoiz gainditu 150 kasuren langa foru erkidegoan. Hegoaldeko gainerako lurraldeei erreparatuta, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, hiruretan egin du gora atzemandako positibo kopuruak. Hala ere, aipatzekoa da Osakidetzak egindako test kopuruak izandako gorakada: astelehenean baino ia 4.500 proba gehiago egin ditu Osakidetzak, eta, zehazki, testen %4,4k eman dute positibo. Gipuzkoan 243 kasu atzeman dituzte atzoko probetan, bezperan baino 96 gehiago. Bizkaian 231 positibo erregistratu dituzte, aurreko egunean baino 55 gehiago. Araban 104 kasu zenbatu ditu Osakidetzak, bezperan baino bederatzi gehiago, alegia. Hego Euskal Herriko ospitaleen egoerari dagokionez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, guztira 65 pertsona eraman zituzten atzo ospitalera gaitzarengatik; bezperan, berriz, 49 erietxeratu zituzten. Azken datuen arabera, 122 lagun daude ZIUetan, eta 463 gaixo daude gela arruntetan. 115 heriotza astebetean Hego Euskal Herrian Eusko Jaurlaritzak gaur eguneratu ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan COVID-19aren eraginez hildakoen datuak. Emandako azken datuen arabera, 99 lagun zendu dira astebetean, aurrekoan baino 23 gehiago. Hiru lurralde horiei dagokienez, bigarren olatuko daturik makurrena da azken asteari dagokiona. Zehazki, abenduaren 7tik 13ra bitartekoak dira heriotza horiek. Nafarroan, berriz, bestelakoa da joera. Foru erkidegoan 16 pertsona zendu dira astebetean, eta, horiek horrela, heriotza kopuruak behera egin du aurreko datuen aldean. Izan ere, azaroaren 30etik abenduaren 6ra bitartean birusarekin eri ziren 27 pertsona zendu ziren. Halaber, Nafarroako Gobernuak igandetik aitzina izandako beste bi heriotzaren berri eman du: 83 urteko emakumezko bat eta 90 urteko beste bat.
2020-12-16
https://www.berria.eus/albisteak/191234/gabonetako-plana-gogortzeko-prest-daude-agintariak.htm
Gizartea
Gabonetako plana gogortzeko prest daude agintariak
Pedro Sanchezek eta Iñigo Urkulluk esan dute beharrezkoa bada egingo dutela
Gabonetako plana gogortzeko prest daude agintariak. Pedro Sanchezek eta Iñigo Urkulluk esan dute beharrezkoa bada egingo dutela
Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchez Kongresuan mintzatu da gaur, eta adierazi du COVID-19 kasuen «ugaritzeak» jarraitzen badu zorroztu egingo dituztela Eguberritarako aurreratutako planaren irizpideak, eta horren berri emango diela autonomia erkidegoei. Autonomia erkidego gehienek onduak dituzte irizpide horien araberako planak, eta horiek gogortzeko prest daudela adierazi zuen atzo Eusko Jaurlaritzaren izenean Bingen Zupiria bozeramaileak ere; ohartarazi zuen datuen bilakaerak okerrera egingo balu eta «arriskua» ekarriko balu ez dutela baztertzen urtarrilaren 11 baino lehen neurriak gogortzea. Horixe bera berretsi du gaur goizean Iñigo Urkulluk; are, Eguberriak hasi aurretik ere akaso neurriak zorrozteko urratsen bat egingo dutela adierazi du: «Aukera bat da». Urkulluk, hala ere, nabarmendu du datuek bilakaera ona izan dutela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: "Eboluzioa ona da. 100.000 biztanleko 850 kasuko tasa ere izan genuen, eta orain 300 ingurukoa dugu. Denon artean lortu dugu hori". Gabonen atarian neurriak zorroztera egin dute hainbat herrialdek; adibidez, Erresuma Batuak eta Alemaniak. Antzeko erabakiak hemen ere ikus daitezkeela adierazten ari dira orain bertako osasun agintariak, neurrien arintze bat agindu bezain pronto. Horrek argi uzten du egoera epidemiologikoa ez dela batere ona oraindik. Orain neurriak sobera arintzera egiten bada izurriaren «hirugarren olatu bat» oldartu daitekeela ohartarazi du Sanchezek, eta, orain arteko «borroka» guztia aintzat hartuta, adi jarraitzea ezinbestekoa dela gogoratu du. Asteok igarota, txertoa jartzen hasita, izurriaren kontraurrats irmoagoak egiten hasteko esperantza dute osasun agintariek.
2020-12-16
https://www.berria.eus/albisteak/191235/ela-europako-funtsei-uko-egin-behar-zaie-haiek-jasotzeko-baldintza-pentsioak-murriztea-bada.htm
Ekonomia
ELA: «Europako funtsei uko egin behar zaie, haiek jasotzeko baldintza pentsioak murriztea bada»
Gaur egungo baldintzetan Next Generation funtsek herrialdeei «murrizketak exijituko» dizkietela eta «eredu neoliberala» indartuko duela salatu du sindikatuak.
ELA: «Europako funtsei uko egin behar zaie, haiek jasotzeko baldintza pentsioak murriztea bada». Gaur egungo baldintzetan Next Generation funtsek herrialdeei «murrizketak exijituko» dizkietela eta «eredu neoliberala» indartuko duela salatu du sindikatuak.
ELAk euskal erakundeei Europako funtsei uko egiteko eskatu die «gizarte eskubideak murriztearen baldintzapean» badatoz. Sindikatuak nabarmendu du Europako Batasunak sustaturiko Next Generation funtsak jasotzeko erreformak egin behar direla, besteak beste, «pentsio sisteman, lan legedian eta merkatu batasunari buruzko araudian». Era berean, salatu du funtsen helburua egun martxan dauden multinazionalen egitasmoa finantzatzea dela, eta ez osasun, zaintza, edo enplegu politikak bultzatzea. ELAren ustez, Europako funtsen norabidea «onartezina» da, eta horrelako baldintzapean datozen funts oro ezin da onartu. Hori ikusirik, europar ereduaren «orientazioa» guztiz aldatu behar dela iritzi dio, eta bertan behera utzi aurrekontu egonkortasuneko arauak. Erabaki horren eskutik, «igoera handia» eskatu du errenta handien, enpresen, ondarearen eta kapitalaren gaineko zergetan; eta horrela aurrekontu nahikoak bermatu ahal izango direla gizarte babesa edo zerbitzu publikoen arloetan. ELAk Eusko Legebiltzarreko eztabaida monografikoaren harira plazaratu du gaiaren inguruko bere iritzia, baina gogoratu du, Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak euren proposamenak egingo dituzten arren, Espainiako Gobernuak urtarrilean erabakiko duela funtsen helmuga zein izango den, «alde bakarrez». Horren harira, gogoratu du Espainiako Gobernua azken asteetan Europako Batasunarekin «modu klandestinoan» ari dela negoziatzen funtsen trukean egin beharreko erreformak. Salatu du bilera horietako agiriak ez direla publiko egiten ari, baina ELAk badakiela funtsen baldintzen inguruan eztabaidatzen ari direla.
2020-12-16
https://www.berria.eus/albisteak/191236/dibidenduak-bai-baina-neurrian.htm
Ekonomia
Dibidenduak bai, baina neurrian
EBZk kendu egin du bankuei irabaziak banatzeko debekua, baina %15 soilik eman ahal izango dute. Neurriak bete-betean eragingo die Kutxabanki eta haren hiru akziodunei: BBK, Kutxa eta Vital.
Dibidenduak bai, baina neurrian. EBZk kendu egin du bankuei irabaziak banatzeko debekua, baina %15 soilik eman ahal izango dute. Neurriak bete-betean eragingo die Kutxabanki eta haren hiru akziodunei: BBK, Kutxa eta Vital.
Beren gizarte ekintza finantzatzeko muga estuak edukiko dituzte hurrengo hilabeteetan ere BBK, Kutxa eta Vital banku fundazioek. Bankuen presioari men egin dio Europako Banku Zentralak, eta onartu du irabaziak banatzeko debekua kentzea. Baina eskua gutxi ireki du: zuhurtziaren izenean, 2019ko eta 2020ko irabazien %15 soilik banatzea baimendu die, eta banku errentagarriei bakarrik. Bankuak ohituta dauden %40-50etik oso urrun dago hori. 2021eko irailean berrikusiko du bere politika EBZk, ordurako espero baitu pandemia kontrolpean egotea eta hark eragindako krisi ekonomikoa arintzen hastea. Kutxabankek ere bere irabazien erdiak banatu izan dizkie azken urteetan bere akziodunei —hiru banku fundazioei—, eta asmo hori zuen martxoan, EBZk irabazien banaketa eten zuenean. 2019an 352 milioi irabazi zituenez, 176 milioi euro banatu behar zizkien bere akziodunei: %57 BBKri, %32 Kutxari, eta %11 Vitali. Orain horren %15 desblokeatzeko aukera izanez gero, 26,5 milioi euro inguru joango lirateke banku fundazioetara. Irabazi txikiagoak 2020an diru gutxiago irabaziko du Kutxabankek, krisiaren ondorioei aurre egiteko hornidurak handitu behar izan dituelako. Irailera arte 160 milioi euro irabazi ditu; urtearen amaieran proportzio horretan jarraituz gero, 200 milioiren bueltan izango luke irabazia, eta horren %15 banatuz gero, 30 milioi joango lirateke bere akziodunetara. «EBZk agindutakoa beteko dugu», esan diote BERRIAri Kutxabankeko iturriek. Urtarrilaren 15erako jakinarazi behar die bankuak zer asmo duen, eta debekatua dute horren berri ematea banku zentralarekin hitz egin aurretik. Kutxabanken irabaziak dira banku fundazioen diru iturri nagusia, eta horrekin elikatzen dute beren egungo egitekoa: gizarte ekintza egitea, hain zuzen ere. Akzioak erosi dituzte Baina azken urteetan beste diru iturri batzuk ere bilatzen aritu dira, Kutxabanken irabaziekiko erabateko menpekotasuna gutxitzeko. Gipuzkoa Donostia Kutxak, esaterako, CAFen %2 erosi zuen 2016ko abenduan. Aurten, berriz, BBK-k Iberdrolaren ia 400.000 akzio erosi zituen, 3,4 milioi euroren truke. Kutxabank bera akzioduna da CAFen (%14) eta Iberdrolan (%1,5). Bizkaiko aurrezki kutxa ohiak izan ditzake arazo gehien dibidendu txikiarekin, 2024 arteko epea duelako 235 milioi euroren funts bat sortzeko. Espainiako Bankuak behartu du funts hori osatzera, Kutxabank burtsara ez ateratzearen truke —erabiltzekotan, Kutxabanken kapitala sendotzeko erabili behar du—. Horrez gain, ehun milioi euroko beste funts bat osatu du, inbertsioak egin eta beste diru iturri bat bermatzeko. Arazo gutxiago izan ditzakete Kutxak eta Vitalek, aurreko urteetan jasotako diruaren zati bat erreserbatu ahal izan dutelako. Kaudimenez ongi Joan den astean berritu zituen EBA Europako Banku Agintaritzak bankuen sendotasunari inguruko azterketa, eta nota onarekin gainditu zuen Kutxabankek: %16,6ko kapitala du, CET1 Fully Loaded irizpideen arabera neurtuta. Euroguneko banku nagusien batezbestekoa %14,7 da, eta Espainiakoena, berriz, %11,8.
2020-12-16
https://www.berria.eus/albisteak/191237/eajk-bakarrik-defendatu-du-arabako-batzar-nagusietan-armentian-gasa-ustiatzen-segitzea.htm
Gizartea
EAJk bakarrik defendatu du Arabako Batzar Nagusietan Armentian gasa ustiatzen segitzea
EAJ bakarrik geratu da Arabako Batzar Nagusietan, PSE-EEk ere gasa ustiatzeari uzteko eskatu baitu, oposizioko gainerako talde guztiekin batera.
EAJk bakarrik defendatu du Arabako Batzar Nagusietan Armentian gasa ustiatzen segitzea. EAJ bakarrik geratu da Arabako Batzar Nagusietan, PSE-EEk ere gasa ustiatzeari uzteko eskatu baitu, oposizioko gainerako talde guztiekin batera.
Gasteizko Udalean eta Eusko Legebiltzarrean ez bezala, Arabako Batzar Nagusietan PSE-EE EAJtik aldendu da, eta Armentia II-n gasa ustiatzeko proiektua baztertu du. EH Bilduk eraman du egitasmoa batzar nagusietara, eta EAJ bakarrik geratu da Armentia zulatzeko defentsan. Kike Fernandez de Pinedok esan du EAJ hamarkadetan ari dela Araban petrolioa edo gasa ba ote dagoen arakatzen: «55 putzu baino gehiago zulatu, eta, halere, EAJk gas putzuekin obsesionatuta segitzen du. Ezin da guztion lurrarekin, urarekin eta guztion diruarekin horrela jolastu». Izan ere, Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak Arantxa Tapiaren Ingurumen Saileko informazio ofizialaren arabera, jada 80 millioi euroko zuloa eragin du gasaren ustiaketaren proiektuak, eta aurreikuspenak ez dira baikorrak. Horregatik eskatu diete gasa ustiatzeari uzteko, energia berriztagarrietan inbertitzeko eta Sesha enpresa publikoa desegiteko. Ruiz de Pinedoren arabera, kontraesanezkoa da EAJren mezua: «Ez dira koherenteak. Ezin dute Araba Klima 2050 estrategia diseinatu Araba deskarbonizatzeko eta gas putzuak defendatzen jarraitu». Eusko Jaurlaritzako Iñigo Urkullu lehendakariak, Miren Gorrotxategi Elkarrekin-Podemoseko bozeramaileari erantzunez, iragan ostiralean aurreratu zuen ez dituztela baimen gehiago eskatuko gasa ustiatzeko, baina daudenekin lanean segituko dute, lurra zulatzen, gasa badagoen arakatzeko. Shesa-Hidrocarburos Euskadi enpresa publikoa arduratzen da lan horiek egiteaz. Jaurlaritzak adierazi izan du gasaren ustiaketarekin segituko dutela trantsizioko energia gisa ulertzen dutelako: berriztagarriak ezarri bitartean energia behar delako. EH Bilduk eta Podemosek legebiltzarrean eskatu izan diote uzteko energia fosiletan inbertitzeari, eta berriztagarrietan baino ez inbertitzeko. Izan ere, jakina denez, Espainiako Gobernua lantzen ari den Klima Aldaketaren Legeak propio jasoko du gasa ustiatzeko debekua.
2020-12-16
https://www.berria.eus/albisteak/191238/next-euskadi-planaren-gardentasun-falta-salatu-du-oposizioak-beste-behin.htm
Ekonomia
Next Euskadi planaren gardentasun falta salatu du oposizioak, beste behin
Iñigo Urkullu ez da Legebiltzarrean izan, Europako funtsei buruz EH Bilduk eskatutako eztabaida monografikoan. Gobernuak eta gobernuko alderdiek «liskar mediatikoa» bilatzea leporatu diote oposizioari. Oraindik publikoa ez den proiektuen zerrenda abenduaren 29an onartu behar du Jaurlaritzak.
Next Euskadi planaren gardentasun falta salatu du oposizioak, beste behin. Iñigo Urkullu ez da Legebiltzarrean izan, Europako funtsei buruz EH Bilduk eskatutako eztabaida monografikoan. Gobernuak eta gobernuko alderdiek «liskar mediatikoa» bilatzea leporatu diote oposizioari. Oraindik publikoa ez den proiektuen zerrenda abenduaren 29an onartu behar du Jaurlaritzak.
EH Bilduk eskatuta Europako funtsei buruz Eusko Legebiltzarrean egiten ari den eztabaida monografikoan zaharrak dira berri, oraingoz. Hitza hartu duten guztiek azpimarratu dute zer garrantzitsuak izango diren funts horiek, eta guztiek aipatu dituzte «hurrengo belaunaldiak», «elkarlana» eta «elkarrizketa». Hortik aurrera, goizekoa gorren arteko elkarrizketa izan da. Oposizioko alderdi nagusiek proiektu hautagaien inguruko itxitura eta argitasun falta salatu dute, eta gobernuari leporatu diote ez diela ia informaziorik eman Euskadi Next planaren osaketari buruz. Mikel Oterok honela esan du: «Nahi duzue gu konforme egotea Next Euskadi planaren berri egunkarien bitartez izatearekin, eta gero noizean behin zuek informazioren bat ematea egiten ari zaretenari buruz. Baina informatzea ez da elkarlanean gobernatzea; informatzea ez da parte hartzea. Eta gauzak horrela egiten direnean, gezurretan edo erdi egiak esaten aritu beharra etortzen da. Esaten zaigu esparru argia egongo dela gure ekarpenak egiteko, baina gero ez dago mekanismorik. Esaten duzue prozesu gardena izango dela, baina gero diozue zerrenda gordeko duzuela zalaparta ez sortzearren». Miren Gorrotxategik ere (Elkarrekin Podemos) planari buruzko gardentasun falta salatu du: «Itsu gaude, ez dakigu zer gertatzen ari den». Eudelekin egin ei diren elkarrizketei buruzko inolako aktarik ez dagoela ohartarazi du. Oterok bere hitzaldiaren hasieran gogor gaitzetsi Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu gaur Legebiltzarrean ez egotea: «Garrantzitsuagoa da Banco Santanderren foro batean egotea? Hori da [monografikoaren deitzaileei] zor zaigun errespetua?». Gobernuko alderdiak (EAJ eta PSE) eta Pedro Azpiazu Ekonomia sailburua, berriz, funtsei dagokienez, Europari buruz, proiektuentzako ildo orokorrei buruz eta proiektuen zerrenda aurkeztu ondoko elkarrizketa eta akordioei buruz hitz egitera mugatu dira. Bestelakoan, plana osatzeko egindako lan handia azpimarratu dute, eta oposizioari leporatu diote gaurko eztabaidaren helburua gobernuari kritika egitea zela. Bitartean, Europako diruak izateko hautagaiak zein diren oraindik ez da publikoa. Eusko Jaurlaritza abenduaren 29ko Gobernu Kontseiluan da proiektuak zerrendatuko dituen Euskadi Next planaren lehen bertsioa aurkeztekoa –zeina Madrilera bidaliko den–. Plana osatzeko hainbat eragilerekin hitz egiten dutela azaldu du Itxaso Berrojalbizek (EAJ), prozesua irekia eta parte hartzailea izan dela, eta zera esan dio Mikel Oterori (EH Bildu): «Zuek alderdi politiko gisa foro horretan ez egoteak ez du haren lana ezerezten». Eztabaida monografikoarekin EH Bilduk «liskar mediatikoa» bilatu nahi izatea egotzi dio Itxaso Berrojalbizek EH Bilduri. Eta Eneko Andueza (PSE) ere Oterori mintzatu zaio: «Zuek gaur gobernua kritikatzera etorri zarete, ez proiektuez hitz egitera».
2020-12-16
https://www.berria.eus/albisteak/191239/zortzi-lagun-atxilotu-dituzte-emakumeak-sexualki-esplotatzeko-sare-bat-osatzea-egotzita.htm
Gizartea
Zortzi lagun atxilotu dituzte emakumeak sexualki esplotatzeko sare bat osatzea egotzita
Tolosako, Beasaingo eta Bergarako bost etxebizitzatan zeuzkaten andreak; hamazazpi biktima identifikatu dituzte.
Zortzi lagun atxilotu dituzte emakumeak sexualki esplotatzeko sare bat osatzea egotzita. Tolosako, Beasaingo eta Bergarako bost etxebizitzatan zeuzkaten andreak; hamazazpi biktima identifikatu dituzte.
Espainiako Poliziak jakinarazi du joan den astean zortzi pertsona atxilotu zituela «Gipuzkoan emakumeak sexualki esplotatzeko sare bat osatzen zutelakoan; Tolosan, Beasainen eta Bergaran zeuzkaten etxebizitzetan prostituzioan aritzera behartzen zituzten andreak, «abusuzko baldintzetan». Hamazazpi biktima identifikatu dituzte, «gehienak Hego Amerikakoak, eta baliabide ekonomiko eskasekoak», eta gizakien salerosketaren aukako Espainiako planaren baliabideak eskaini dizkiete. Esplotatutako emakumeetako baten salaketaren harira abiatu zuten ikerketa, otsailean: Poliziari posta elektronikoz eman zion bere egoeraren berri. Ikerlariek azaldu dute «erakunde kriminal» bat atzeman zutela, «Brasilgo familia batek osatua»; 2017an ere atxilotu zituzten —gizonak eta emakumeak daude tartean—. Bost etxetan aritzen ziren, eta, emakumeek beren egoera salatzea eragozteko, etxe bakoitzean «arduradun» bat jarri zuten andreak kontrolatzeko, baita bideokamerak ere. Horrez gain, «gezurrezko enpresa sare» bat ere sortu zuten, diru irabaziak ezkutatzeko. Tolosako 2. Instrukzio Epaitegiak kudeatu du ikerketa. Hainbat delitu egotzi dizkiete atxilotuei: sexu esplotaziorako pertsona salerosketa, proxenetismoa, droga trafikoa —bezeroei speed eta kokaina eskaintzen zizkieten, eta substantzia horiek aurkitu dituzte etxeetan— eta diru zuritzea.
2020-12-16
https://www.berria.eus/albisteak/191240/eguberrietako-bilkurak-ahal-dela-kanpoan-eta-maskarekin-egiteko-eskatu-du-omek.htm
Gizartea
Eguberrietako bilkurak ahal dela kanpoan eta maskarekin egiteko eskatu du OMEk
Birusaren transmisioa Europan «zabala eta indartsua» dela gogoratu du Osasunaren Mundu Erakundeak, eta 2021eko lehen aste eta hilabeteetan areagotzeko arriskuaz ohartarazi du.
Eguberrietako bilkurak ahal dela kanpoan eta maskarekin egiteko eskatu du OMEk. Birusaren transmisioa Europan «zabala eta indartsua» dela gogoratu du Osasunaren Mundu Erakundeak, eta 2021eko lehen aste eta hilabeteetan areagotzeko arriskuaz ohartarazi du.
Osasunaren Mundu Erakundearen Europako bulegoa kezkatuta dago kontinentearen zenbakiekin, eta aholku sorta bat eman du Eguberrietako jaiei begira. Ohartarazi duenez, etxe barruan elkartzea «bereziki arriskutsua» da, baita talde txikitan bada ere, hainbat etxebizitzatako jende gazte eta zaharra bildu daitekeelako, eta horietako denak ez direlako prebentzio neurri berak betetzen ari. «Bilkurak, ahal dela, kanpoan egin beharko lirateke; bildutakoek maskarak izan beharko lituzkete jantziak, eta urruntze fisikoa gorde», adierazi du erakundeak agiri baten bitartez. Bilkurak barruan egiten badira, taldeen tamaina mugatzea eta aireztatzea «gako» dira kutsatzeko arriskua gutxitzeko. 2020. urtea oso zaila izan dela eta herritarrak biltzeko irrikan daudela onartu du OMEk. Baina nabarmendu du birusaren transmisioa Europan «zabala eta indartsua» dela oraindik ere. 2021eko lehen aste eta hilabeteetan areagotzeko arriskuaz ohartarazi du. Hori ikusita, neurri batzuk hartzeko esan du erakundeak. Horietako batzuk, eski estazioen ingurukoak. OMEk gogoratu du leku horiek parte handia eduki zutela izurriaren hasieran. Izan ere, Austriako Ischgl eski estazioan otsail-martxoetan gertaturiko fokuak birusa 45 herrialdetara zabaldu zuen, ikertzaileek ondorioztatu dutenez. Neguko kirol horien egutegiak moldatzeko eskatu die erakundeak gobernuei, jendetzak ez biltzeko. Besteak beste, garraio publikoan pilaketak saihesteko esan die. Ekitaldi erlijiosoak edo Eguberrietako azoka jendetsuak atzeratzeko, mugatzeko edo bertan behera uzteko aukera kontuan hartzeko eskatu die OMEk agintariei. Elizkizunak aurten «beste modu batean» egiteko esan du erakundeak: hau da, kanpoan, ahal bada, eta mugatuta tamainan eta denboran, jendea elkarrengandik urrunduta, maskarekin, eskuak garbituta, eta ongi aireztatuta. Adinekoen lekuan jarri OMEk adierazi du balitekeela jendeari «arraroa» iruditzea maskarak eramatea eta urruntzea senide eta lagunekin, baina hori oso garrantzitsua dela nabarmendu du. Horrez gain, gogoratu du jende zaurgarriarentzat eta adinekoentzat «oso zaila» izan daitekeela senideei ez hurbiltzeko esatea. Norberaren erabakien ahalmena ez gutxiesteko eskatu du OMEk. «Norberaren erabakiek ez dute bakarrik eragina edukiko zeuregan eta zeure ingurukoengan: gizarteari eragingo diote». Aurtengo Eguberriak ezberdinak izango direla aitortu du erakundeak, baina dei egin du, halere, horiek ahalik eta gehien gozatzeko.
2020-12-16
https://www.berria.eus/albisteak/191241/ikastolek-uko-egin-diote-hezkuntza-proiektuak-administrazioen-esku-uzteari.htm
Gizartea
Ikastolek uko egin diote hezkuntza proiektuak administrazioen esku uzteari
Ikastolen Elkarteak azpimarratu du hezkuntza sistema propio bat nahi dutela, herri ekimenak ere lekua izango duen publikotasunaren definizio berri batekin. Horrela erantzun diote Euskal Eskola Publikoaz Harro topaguneak eskatutako publifikazioari.
Ikastolek uko egin diote hezkuntza proiektuak administrazioen esku uzteari. Ikastolen Elkarteak azpimarratu du hezkuntza sistema propio bat nahi dutela, herri ekimenak ere lekua izango duen publikotasunaren definizio berri batekin. Horrela erantzun diote Euskal Eskola Publikoaz Harro topaguneak eskatutako publifikazioari.
«Hezkuntza sistema propio bat nahi dugu, herri ekimenak ere lekua izango duen publikotasunaren definizio berri batekin, eta hori [hezkuntza] legean ikusi nahi dugu». Horrela erantzun dio Ikastolen Elkarteak Euskal Eskola Publikoaz Harro topaguneari, «beste publifikazio prozesu bat abiarazteko eskatu diotelako egungo Eusko Jaurlaritzari». Euskal Eskola Publikoaz Harro topaguneak eskatu zuen euskal eskola publikoa sistemaren «ardatzean» jartzea; harentzako baliabideak bermatzeko; hezkuntza sistemaren pribatizazioaren aurka egitea, «gaur egungo sistema duala eta sistema horren atzean dauden itunak salatuz»; eta, «pribatizazio dinamika» eteteko, Eusko Jaurlaritzak ikastetxeak publifikatzeko araudia sortzea, besteak beste. Zenbait eragilek hori egin izanak ez du harritu Ikastolen Elkartea; bai, ordea, beste batzuek bide hori hartu izanak, «bakarka beste planteamendu batzuk egiten dituztelako». Salatu dute publifikazio hori «errezeta magikoa» balitz bezala aurkezten dutela gainera: «Publifikazioa aipatzen dute gainera, errezeta magikoa izango balitz bezala, horren bitartez, eta horren bitartez soilik lortu ei delako murgiltze sistema ezartzea, segregazioa amaitzea eta hezkuntza sistemak egun dituen gabezia guztiak konpontzea». Ikastolen Elkarteak, berriz, «hemen garatutako» eztabaida beharrezko ikusten du: «Eztabaida zabal eta sakon bat behar da, guztion artean eginikoa, baita gure mugimendua eraitsi nahi dutenekin ere». Argi esan dute ikastolak ez daudela prest proiektua administrazioen esku uzteko: «Ikastolok ez gaude prest herritarrek herritik eta herriarentzat sortu eta garatutako hezkuntza proiektuak ezein administrazioren esku uzteko, eta ez ditugu utziko». Eztabaida berriz bizitu den arren, ez da atzo goizekoa. Ikastolen elkarteak azaldu duenez, gogoan dute 1993an, Hezkuntza Publikoaren Legea onartu berritan, Eusko jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak esan zuela aurrerantzean ez zela gehiago ikastolez hitz egingo. «Iltzatuta daude oraindik hitz horiek ikastolen mugimendua osatzen dugun kide askoren artean, urte gogorrak izan baitziren ikastolentzat». Haien mugimendua «haustera» zetorrela ziurtatu dute, eta nabarmendu orduko orbainek oraindik «erresumina» eragiten dietela. «Oraindik, ziklikoki, zaurietan gatza botatzen digute, ordea, eta orduan amaitu ez zen eraiste prozesua akaberaraino eraman behar dela aldarrikatzen duten ahotsak altxatzen dira noizean behin». Talde sendoa Halere, harro daude hartu zuten bidearekin, «herritik eta herriarentzat sortutako hezkuntza proiektuei herriarentzat eutsi zietelako». «Bide propioa» egin dutela azpimarratu dute, eta egun «talde sendoa» osatzen dutela: 111 ikastola dira, 57.000 ikasle baino gehiago, milaka familia eta 6.000 irakasle eta langile ez irakasle. «Euskal Herri mailako ikuspegiarekin ari gara, hezkuntza eredu propioaren bitartez, euskaratik eta euskaraz, euskal curriculuma ardatz hartuta eta begirada etorkizunean jarrita». Azken urteetan pedagogikoki egindako «jauzi handia» ere aipatu dute. Pedagogiak ez ezik, esan dute hezkuntza sistemak berak ere aldatzeko beharra duela: «Pandemia garai honetatik ondorio argirik atera baldin badugu, zera izan da, aldaketarik gabe gure sistema porrotera doala». Uste dute aldaketa hori Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako hezkuntza lege berriarekin irits daitekeela, eta horren beharra azpimarratu dute: «Urteetan ari gara aldarrikatzen hezkuntza sistema osoarentzako lege berri bat hezkuntza sistema propio bat eraikitzeko bidean, eta, Euskal Herri osoa hartuko ez badu ere, abiatu dadin nahi dugu».
2020-12-16
https://www.berria.eus/albisteak/191242/parisko-dei-auzitegiak-gibelera-bota-du-iratxe-sorzabalen-aurkako-euroagindua.htm
Politika
Parisko Dei Auzitegiak gibelera bota du Iratxe Sorzabalen aurkako euroagindua
Prokuradoreak sinesgarritasuna eman zien euskal presoak salatutako torturei, azaroan, eta epaileak uko egin dio Madrilek eskaturiko euroaginduari. Lehen aldia da Parisek tortura kasu batengatik euroagindu bat atzera botatzen duena.
Parisko Dei Auzitegiak gibelera bota du Iratxe Sorzabalen aurkako euroagindua. Prokuradoreak sinesgarritasuna eman zien euskal presoak salatutako torturei, azaroan, eta epaileak uko egin dio Madrilek eskaturiko euroaginduari. Lehen aldia da Parisek tortura kasu batengatik euroagindu bat atzera botatzen duena.
Parisko Dei Auzitegiak gibelera bota du Iratxe Sorzabal euskal presoaren aurka Espainiako Auzitegi Nazionalak eskaturiko euroagindu bat: laugarrena. Euskal presoak Espainian jasandako torturak salatu zituen euroagindua aztertzeko auzi saioan, azaroaren 17an, eta prokuradoreak sinesgarritasuna eman zion Sorzabalen testigantzari. Bertzeak bertze argudiatu zuen «deklarazioak lortzeko atxiloketaz zalantza nahikoa» zegoela. Orain, tortura salaketa horiek oinarritzat hartuta euroagindu eskaera atzera botatzea erabaki du auzitegiak. Tortura kasu batengatik Parisek euroagindu bat ukatzen duen lehen aldia da. Defentsak behin baino gehiagotan salatu izan du Sorzabalek adierazpenak torturapean egin zituela. 2015ean atxilotu zuten Sorzabal, Baigorrin, eta zazpi urteko kartzela zigorra ezarri zion Frantziako justiziak, 2019an. Espainiako euroagindu eskaerak gibelera botatzea ez da ohikoa Frantziako justiziarengan, oro har. Joan den uztailean egin zuen azkenekoz: Josu Urrutikoetxearen Barajasko auziko euroagindu eskaera atzera bota zuen.
2020-12-16
https://www.berria.eus/albisteak/191243/arrantza-kuotak-brexit-aren-negoziazioen-menpe.htm
Ekonomia
Arrantza kuotak, 'brexit'-aren negoziazioen menpe
Legatzarena %10 jaistea proposatu du Europako Batzordeak, baina Espainia eta Frantzia aurka azaldu dira. Besteetan aldaketarik ez dago ia.
Arrantza kuotak, 'brexit'-aren negoziazioen menpe. Legatzarena %10 jaistea proposatu du Europako Batzordeak, baina Espainia eta Frantzia aurka azaldu dira. Besteetan aldaketarik ez dago ia.
Abenduko Arrantza Ministroen Kontseilua urteko korapilatsuena izan ohi da, hurrengo urterako harrapaketa nagusien banaketa negoziatzen delako -atunarena beranduago adosten dute-. Egunotakoa, gainera, azken urteetako zailenetakoa izaten ari da, horrekin batera EBren eta Erresuma Batuaren arteko etorkizuneko harreman ekonomikoaren nondik norakoak negoziatzen ari baitira Brusela eta Londres. Arrantza kuotei dagokienez, Espainiak eta Frantziak baztertu egin dituzte 2021eko Europako Batzordeak egin dituen proposamenak. Asteartean hasi zituzten elkarrizketak, eta legatzaren ingurukoak izaten ari dira konplikatuenak. Europako Batzordearen lehenengo proposamenak %12,8ko murrizketa aurreikusten zuen, eta hori, orain, % 10era jaistea eskaini du, baina Espainiarentzat eta Frantziarentzat ez da nahikoa. Gogoratu dute azken urteetan murrizketa handiak izan direla: %20koa iaz. Batzordeak argudiatu duenez, espezie horren egoerari buruzko datu zehatzik ez dago, baina bi estatuek erantzun dute ebaluazio zientifikoan irizpide desberdinak egonda ere, ikerketek diotela legatz erreserba «egoera biologiko onean» dagoela. Euskal Herriko ontziei gehien eragingo liekeen murrizketa izango litzateke hori; Ondarroakoei bereziki, eta Pasaiakoei zeharka, azken urteetan Bizkaiko Golkoan aritzen diren alturako ontzien espezie nagusia izan baita legatza. Egun, 16 alturako ontzi daude Bizkaiko portuan; Gipuzkoakoan ez dago bertakorik, baina beste herrialde batzuetakoek deskargatzen dute han. Kantauri itsasoan dabiltzan baxurako barkuentzat, berriz, murrizketa txikiagoa aurreikusten du Batzordeak. Negoziazio mahaian dauden eta euskal arrantzaleak harrapatzen dituzten beste espezien kasuan -perlita, berdela, antxoa, zapoa...- Batzordeak aldaketa handirik ez du aurreikusten, iazko kopuruekin konparatuta, ez Bizkaiko Golkoan, ez Kantauri itsasoan. Mihi-arrainetan gutxi aritzen dira euskal ontziak; kasu horretan, bai, jaitsiera handia proposatu du Bruselak: hasieran %42koa, eta: orain, % 20koa. Aldea handia izan arren, estatuetako ordezkariek uste dute hori ere «hobetu» daitekeela. Londresen itzala Brexit-ari buruzko negoziazioen itzala arrantza kuotei buruzko mahaira zabaldu da. Lehenengoaren baitan egongo da Europako ontziak Ingalaterrako eta Eskoziako uretara sartzeko aukera izatea, eta, hortaz, espezie partekatuen zati handi baten banaketa ere bai; bereziki, legatzarena, oilarrarena eta zapoarena. Aurten, Arrantza ministroek iaz negoziatutako kuotak aplikatu dira. Hori horrela, Erresuma Batuko arrantzaleek Batasuneko arauak eta betebeharrak errespetatu dituzte. Baina zirt edo zart egiteko unea iritsi zaie Londresi eta Bruselari. Brexit-ari buruzko negoziazioak unerik inportanteenean dira, eta arrantzaren gaia izaten ari da, hain justu, punturik zailenetakoa, edo «zailena», Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak asteazken honetan azpimarratu duenez. Mahai nagusian akordiorik ez balego, urtarrilaren 1etik aurrera bertan behera geratuko litzateke aurten arrantzarako erabilitako formula. Bruselaren asmoa litzateke hori luzatzea, beste urtebetez edo, gutxienez, Londresekin arrantza akordio bat lortu arte. Horretarako, Europar Kontseiluak mekanismo bat proposatu du baimenen bidez barku ingeles eta eskoziarrek Europako uretan sartu ahal izateko, Erresuma Batuari ezarritako kuotak arrantzatzeko, eta EBko ontziei aplikatzen zaizkien baldintza beretan. Erresuma Batuak, bestalde, bere uretan harrapaketak egiteko baimenak eman beharko lituzke. Europako Parlamentuak aste honetan bertan bozkatuko du proposamena. Kontseiluak eta parlamentuak behin betiko akordioa lortu beharko dute neurria urtarrilaren 1ean aplikatu ahal izateko. Bizkaiko golkoa Europako arrantza sektorearen nahia da etorkizuneko egoera gaur egungoaren ahalik eta antzekoena izatea. Asko baitago jokoan. Europako Arrantza Aliantzaren arabera (EUFA ingelesez), azken hamarkadan, Europako harrapaketen %42 inguru ingeles eta eskoziar uretatik zetozen, eta ehuneko hori, espeziearen arabera, % 60 baino handiagoa izan daiteke. Euskal Herriko arrantzaleen kasuan, Hegoaldeko arrantzontzi gutxi dabiltza Erresuma Batuko uretan —hiru—. Hala ere, besteek hango kaletan dituzten kuotak trukerako erabiltzen dituzte, Bizkaiko golkoko Frantziako uretan arrantzatzeko. Akordiorik ezean, baliteke Erresuma Batuko uretatik botatzen dituzten ontzi asko Bizkaiko golkora joatea arrantzara eta han ehunka ontzi pilatzea, arazo ugari sortuz, elkarbizitzakoak, kuotei buruzko eta arrain espezie batzuen iraupenean.
2020-12-16
https://www.berria.eus/albisteak/191244/bateragunekoen-aldeko-mobilizaziora-deitu-dute-larunbaterako.htm
Politika
'Bateragunekoen' aldeko mobilizaziora deitu dute larunbaterako
Alderdi politiko, sindikatu eta eragile sozial ugarik deitu dute protestara, larunbat eguerdirako, herri guztietan.
'Bateragunekoen' aldeko mobilizaziora deitu dute larunbaterako. Alderdi politiko, sindikatu eta eragile sozial ugarik deitu dute protestara, larunbat eguerdirako, herri guztietan.
Espainiako Auzitegi Gorenak astelehenean erabaki zuen berriro egitea Bateragune auziko epaiketa, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebatzi eta gero Arnaldo Otegik, Rafa Diezek, Sonia Jacintok, Miren Zabaletak eta Arkaitz Rodriguezek ez zutela epaiketa justurik izan. Erabaki horren harira, mobilizaziora deitu dute alderdi politiko, sindikatu eta eragile sozial ugarik. Larunbaterako deitu dute protestara, 12:00etan, herri guztietan, Demokrazia lelopean. ELA, LAB, Steilas, ESK, Ahal Dugu, Ezker Anitza, EH Bildu, Nafarroako Ezker Batua, EH Bai, Gure Esku, Emakumeon Mundu Martxa, Bilgune Feminista, Sare eta Etxerat dira deitzaileak. Deitzaileen arabera, erabakiaren «larritasunak hausnarketa bateratua eta kolektiboa» eragin du eragileen artean, eta «herri, gizarte eta kultur eragile guztiei» eskatu diete bat egiteko deialdiarekin. Uste dute Auzitegi Gorenaren erabakiak «kezka handia» eragin duela, «oinarrizko eskubide demokratikoen aurkako erasoa dela ulertzen den heinean». 2009ko urrian atxilotu zituzten auzipetutakoak, ETAren aginduetara Batasuna berreraikitzen saiatzea egotzita, eta 2011n epaitu zituzten Auzitegi Nazionalean. Arnaldo Otegik, Rafa Diezek, Sonia Jacintok, Miren Zabaletak eta Arkaitz Rodriguezek osorik bete zituzten Gorenak 2012an berretsitako zigorrak —31 urte guztira—. Gorenak berak zigor horiek baliogabetu zituen udan.
2020-12-16
https://www.berria.eus/albisteak/191245/lsquocharlie-hebdorsquo-ren-epaiketan-30-urterainoko-espetxealdi-zigorrak-ezarri-dituzte.htm
Mundua
‘Charlie Hebdo’-ren epaiketan 30 urterainoko espetxealdi zigorrak ezarri dituzte
Epaileek ebatzi dute 2015eko urtarrilean aldizkari satirikoari eta Parisko supermerkatu bati eraso egin zietenen konplize izan zirela hamalau akusatuak.
‘Charlie Hebdo’-ren epaiketan 30 urterainoko espetxealdi zigorrak ezarri dituzte. Epaileek ebatzi dute 2015eko urtarrilean aldizkari satirikoari eta Parisko supermerkatu bati eraso egin zietenen konplize izan zirela hamalau akusatuak.
Prozesua mediatikoa eta zaila izan da, Frantzia laikotasunaz, adierazpen askatasunaz eta gobernuaren «separatismo islamistaren» kontrako lege proiektuaz eztabaidatzen ari zen bitartean egindakoa. Charlie Hebdo kazeta satirikoaren aurkako erasoen epaiketak berriz utzi ditu agerian gizarte baten zauriak, sistema baten hutsegiteak eta amaierarik ez duela dirudien eztabaida baten erraiak; oraindik goizegi da jakiteko prozesuak errealitate horiek sendatzeko edo bideratzeko balioko ote duen, baina, askorentzat, kazetaren aurkako erasotzaileak laguntzeagatik epaiturikoak zigortzea bide luze baten lehen pauso bat bilakatu da, hilketak gertatu eta ia sei urtera. Akusatuek lautik 30 urterainoko espetxealdiak jaso dituzte. Auzitegi bereziko epaileek ebatzi dute 2015eko urtarrilean kazeta satirikoari eta Parisko supermerkatu bati eraso egin zieten jihadisten konplize izan zirela hamalau zigortuak, eta denek zutela erasotzaileen asmoen berri. Laurent Sourisseau Charlie Hebdo-ren erredakzioburuaren ustetan, «indarkeriaren garaia berriz itxi» da gaur jakinarazitako sententziarekin: «Gutxienez alde penalean, gizatasunez behintzat ondorioak ez baitira inoiz ezabatuko». Hamazazpi lagun hil zituzten denera; gerora, Poliziak hiru erasotzaileak hil zituen. Prozesuak balio izan du horien armak eta finantzaketa lortzea ahalbidetu zuen sarea agerian uzteko. Kazetaren abokatu Richard Malkarek honela deskribatu zuen hiru hilabete iraun duen epaiketa: bi prozesu batera garatu direla, akusatuena eta «hil nahi izan dituzten ideiena». Horren erakusle da epaiketa hasi zenean Charlie Hebdo-k berriz publikatu izana Mahomaren marrazkiak, eta, epaiaren bezperan, «Jainkoa bere tokian jarri dute berriz» dioen irudi bat argitaratu izana, Jainkoa Poliziaren furgoneta batean dagoela, presondegira bidean. Parisen egindako epaiketak jende ugari bildu du, auziak hartu duen oihartzunaren eta garrantziaren erakusle: 49 entzute egun egin dira, eta 94 abokatu, 144 lekuko eta akusazio partikular gisa aurkezturiko 200 parte aritu dira prozesuan. 11 akusatuek –gainontzeko hirurak ihes eginda daude– une oro esan dute errugabeak direla. Hamalau akusatuen erdiek «terrorismo» kalifikazioa jaso dute zigorrean, eta gainontzekoei «hilketen konplizitatea» eta «gaizkile terroristen elkartzea» delituak ebatzi dizkiete. Akusazioak «talde terrorista batean» parte hartzea eta erasoen konplize izatea leporatu zien: laguntza logistikoa, finantzarioa edota materiala ematea. Charlie Hebdo 2006. urtetik ari zen mehatxuak jasotzen, Mahomaren karikaturak publikatu zituenetik, eta, hain zuzen, irudi horien ondorioz egin zituzten erasoak. Lehena 2015eko urtarrilaren 7an izan zen, aldizkari satirikoaren egoitzaren aurka, eta Said eta Cherif Kouachi anaiek hamabi lagun hil zituzten; Al-Qaedak bere gain hartu zuen erasoa. Hurrengo egunean, berriz, Kouachi anaiekin harremana zuen Amedy Coulibalyk Polizia bat hil zuen, eta, hilaren 9an, supermerkatu judu baten aurka jo eta beste lau lagun hil zituen; bahituta eduki zituen pertsonei esan zien Estatu Islamikoaren izenean jardun zuela. Hari buruz, epaileek adierazi dute «konfiantzazko norbanakoen zirkulu batean» oinarritu zela erasoak egiteko. Datozen prozesuei begirako epaia Duen izaera historikoaren erakusgarri, Charlie Hebdo-ren aurkako erasoen epaiketa osorik filmatu dute; izan ere, lehen aldia da Frantzian hori egiten dutela «terrorismo» ekintza batekin loturiko auzi batekin, eta litekeena da prozesua bera aurrekari bilakatzea datozen epaiketa garrantzitsuei begira. Hurrengoa datorren urteko irailean egingo dute, 2015eko azaroan Parisko Bataclan aretoaren aurka egindako erasoei buruzkoa; eta, geroago, 2016ko uztailean Nizan (Okzitania) izandako atentatuarena. Gaur amaitu den prozesuaren saio batean, Julie Holveck abokatuak epaileei ohartarazi zien hartuko zuten erabakia «ikertua, luparekin aztertua eta eredu gisara hartua» izango dela datozen urteetan. Ez dute lan erraza izan, auzitegitik kanpoko giroak ez baitu erabat lagundu. Epaiketa egiten ari ziren bitartean, hiru eraso jihadista izan ziren, tartean, Samuel Paty irakasleari burua moztu ziotenekoa; Patyk, hain justu, Charlie Hebdo-k egindako karikatura batzuk erakutsi zizkien bere ikasleei. Nizako eliza batean izandakoak ere oihartzun handia izan zuen: hiru lagun hil zituzten. Frantzia, egun, «alerta terrorista gorenean» da. Eraso horiek gobernuaren presidentearen «separatismo islamistaren» kontrako lege proiektuaren harira egin zituzten, Charlie Hebdo-ren epaiketa bete-betean. Muturreko islamisten haserrea eragin zuten Emmanuel Macron herrialdeko presidentearen hitzok: «Frantzia islamismotik askatu behar dugu. Separatismo islamiarrari eraso egin behar diogu, islamismo erradikal horretan errepublikako legeak hausteko eta gizartea beste modu batean antolatzeko borondatea baitago».
2020-12-16
https://www.berria.eus/albisteak/191246/sagardogileek-15-milioi-euro-galdu-dituzte-aurten.htm
Ekonomia
Sagardogileek 15 milioi euro galdu dituzte aurten
Euskal Sagardoa jatorri izeneko ekoizleek azaldu dutenez, ostalaritzari jarritako debekuen eragina oso handia izan da. Produkzioa era txikiagoa izan da: iazkoaren herena.
Sagardogileek 15 milioi euro galdu dituzte aurten. Euskal Sagardoa jatorri izeneko ekoizleek azaldu dutenez, ostalaritzari jarritako debekuen eragina oso handia izan da. Produkzioa era txikiagoa izan da: iazkoaren herena.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sagardogileek 1,1 milioi litro egin dituzte Euskal Sagardoa sor-markarekin aurten. Iazkoaren herena da hori. Horrez gain, sektoreak 15 milioi eurotik gorako galerekin amaituko du urtea, COVID-19aren ondorioz txotx garairik ezin izan dutelako egin eta ostalaritzari ezarritako murrizketengatik. 2021ekoa noiz eta nola jorratu ari dira aztertzen. Euskal Sagardoaren arduradunek azaldu dutenez, bazekiten aurtengo uzta 2019koa baino urriagoa izango zela, baina «espero baino txikiagoa» izan dela azpimarratu dute; hotz falta eta uda lehorra izan direla argudiatu dute. Ia 2 milioi kilo sagar bildu dituzte, eta 1,2 milioi litro produzitu. «Hain uzta txikia izateko urterik egokiena izan liteke aurtengoa, datorren urteko salmentak zenbatekoak izango diren ez baitago garbi, baina aurrerantzean uztatik uztara horrelako aldeak egoteak asko kezkatzen gaitu», azaldu dute. 2021eko txotx garaia Martxoan txotx garaia bertan behera uzteak eta udaberrian eta udazkenean ostalaritza itxita egoteak «galera handiak» eragin dizkio sektoreari: 15 milioi eurotik gora, sagardogileek azaldu dutenez. Osasun krisiak bere horretan jarraitzen duela kontuan hartuta, datorren urtean ere debekuak eta murrizketak izango direla uste dute. Hori dela eta, adierazi dute sagardoaren sektoreak urtarrilean bertan baloratu eta hartu beharko duela txotx garaiari buruzko erabakia. Protokolo proposamen bat prestatzen ari dira, unean uneko egoerara egokitzeko. Salmentei begira, Euskal Sagardoa jatorri izeneko produktuak Internet bidez saltzeko plataforma bateratu bat jarri dute abian. Bezeroek etxean jasoko dituzte eskaerak, eta hainbat aukera izango dituzte: adibidez, kaxa berean sagardo mota eta marka ezberdinak nahastekoa.
2020-12-16
https://www.berria.eus/albisteak/191248/adituak-neurriak-gogortzearen-alde.htm
Gizartea
​​​​​​​Adituak, neurriak gogortzearen alde
Miren Basaras, Rafael Bengoa eta Ignacio Lopez-Goñiren iritziak jaso ditu BERRIAk. Hirurak neurri «zorrotzagoen» aldekoak dira, hirugarren olatuari errazago aurre egin ahal izateko.
​​​​​​​Adituak, neurriak gogortzearen alde. Miren Basaras, Rafael Bengoa eta Ignacio Lopez-Goñiren iritziak jaso ditu BERRIAk. Hirurak neurri «zorrotzagoen» aldekoak dira, hirugarren olatuari errazago aurre egin ahal izateko.
Agintarien mezuek ongi islatzen dute izurriaren egoera kezkagarria dela, eta datozen asteotan hartzen diren neurrien araberakoa izango dela hirugarren olatuaren oldarraldiaren indarra. BERRIAk kontsultatu dituen adituek ere argi dute: hirugarren olatua etorri etorriko da, baina orain neurriak arintzen badira, askoz ere larriagoa izango da. «Hirugarren oldea iritsiko zaigula ziurra da, baina kontua da nola nahi dugun olatu hori ailegatzea, hau da, zein gogortasun edo kaltegarritasunarekin». Miren Basaras EHUko Mikrobiologiako irakasleak ez du zalantzarik koronabirusaren kutsatze kurba apaltzeko, zorroztu egin beharko direla neurriak: «Ezinbestean izan behar dute zorrotzagoak, bestela ez dugu hirugarren olatua kontrolatuko eta ospitaleratzeek gora egingo dute izugarri». Egungo egoera epidemiologikoari kezkaz begiratzen dio Basarasek, datuak ez direlako onak: «Antzeko egoeran geunden urri hasieran, neurri zorrotzagoak ezarri zirenean. Positiboen jaitsiera ez da izan espero genuen bezalakoa». Basarasek koronabirusak hildakoen azke datuetan jarri du arreta–gutxienez 115 lagun hil dira astebetean Hegoaldean–, eta horri lotuta egin du gogoeta: «Kontuan hartu behar dugu positiboen kopuruak gora egiten duen heinean ospitaleratzeak ere gehiago izango direla datozen asteetan, geroz eta gaixo gehiago egongo direla ZIUetan eta, zoritxarrez, hildako kopuruak ere gora egiten jarraituko duela». Positibo kopurua beheratzeko «tresna bakarra» mugimendua murriztea dela uste du Basarasek. Eta Eguberriei begira, ohar bat: «Gure familia unitatea ez direnekin harremanak ugaritzea arriskutsua izan daiteke». Gabonetaz argi eta irmo mintzatu da, halaber, Rafael Bengoa osasun politiketako nazioarteko aholkularia: «Hirugarren olatuaren astinaldia oso gogorra ez izatea nahi badugu, neurriak zorroztu behar ditugu. Garaiz gaude oraindik». Bengoak uste du Europako hainbat herrialdek neurriak zorroztera egin badute ere, Espainian eta Hego Euskal Herrian politika «leunagoak» lehenetsi direla eta horrek ondorioak ekar ditzakeela: «Izurriaren bigarren oldearen aparrak desagertu gabe etor liteke hirugarren bat». Hori gertatu ez dadin, baina, Gabonak dira gakoa, eta iragarritako neurriak gogortzea beste biderik ez du ikusten Bengoak. Hiru aipatu ditu: ostalaritza ixtea, joan-etorriak erkidego barrura mugatzea, eta Eguberrietan «nork bere buruari murrizketak» ezartzea. Murrizketak indartzearen aldekoa da Ignacio Lopez-Goñi mikrobiologiako doktorea ere. Zurrun, gainera: «Ikuspuntu epidemiologiko batetik, gomendagarriena da dena erabat ixtea». Uste du, munduko beste herrialde batzuetan ez bezala, Europan birusarekin elkarbizitzea erabaki dela, neurriak aldiro malgutuz eta zorroztuz, eta hori ez dela «biderik egokiena». Lopez-Goñik ohartarazi du hirugarren oldearen astindua latza izan daitekeela, eta txertoaren bitartez herritarrak immunizatuta egon arte birusarekin «kontu handiz» ibili beharko dela: «Bestela, negua hondamendia izan daiteke, sarraski erabatekoa». Aditu guztiak bat datoz: Eguberriak salbatzea helburu jartzea akatsa da. Eguberriak ospatzea posible dela uste du Lopez-Goñik, baina argi izanda birusa kontrolpean izateko «erantzukizunez» jokatu beharra dagoela. Basaras: «Bizitza eta osasuna dira lehentasunak». Bengoa: «Gabonak baino, bizitzak salbatu behar dira».
2020-12-16
https://www.berria.eus/albisteak/191249/eguberrietarako-neurriak-gogortzeko-baimena-eman-die-madrilek-erkidegoei.htm
Gizartea
Eguberrietarako neurriak gogortzeko baimena eman die Madrilek erkidegoei
Orain arte iragarritako neurriak zorroztea «aukera bat» dela esan du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ere
Eguberrietarako neurriak gogortzeko baimena eman die Madrilek erkidegoei. Orain arte iragarritako neurriak zorroztea «aukera bat» dela esan du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ere
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko buruak bilera egin du erkidegoetako presidenteekin, Gabonetarako planaren inguruan hitz egiteko. Plana bere horretan gordetzea erabaki dute, baina erkidegoek aukera edukiko dute neurriak gogortzeko, tokian tokiko egoera epidemiologikoaren arabera. Sanchezek eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak oharra plazaratu dute: COVID-19aren kasuak ugarituz joanez gero, ez dute baztertzen neurriak zorroztea. Erkidegoek, beraz, baimena edukiko dute etxe berean bil daitezkeen pertsonen kopurua murrizteko, erkidegoen arteko bidaiak mugatzeko eta etxeratze agindu goiztiarragoak ezartzeko. Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak esan duenez «erkidego batzuek mugitzeko askatasunari ezarritako mugak edo jende kopuruak lasaitu dituzte, edo alor batzuk irekitzeko baimena eman dute. Horrek eragin du kasuak areagotzea hainbat erkidegotan». Planaren arabera, baimendu egingo dira Gabonetan erkidego batetik bestera joateko bidaiak, baina propio izan beharko dute topaketa horietara joateko eta horietatik bueltatzeko; gainerakoan, mugatuta egongo dira erkidegoetarako bidaiak; Urtezahar gauean eta Gabon gauean ez da etxeratu beharrik izango 01:30era arte; Eguberrietako usadiozko familia topaketa horietan, oro har, hamar lagun baino gehiago ez elkartzeko irizpidea emango da, eta bi bizikidetza talde baino gehiago ez elkartzekoa. Halaber, bertan behera geratuko dira Erregeen desfilea, Olentzerori ongietorria emateko egin ohi diren ekitaldiak eta Gabonetako usadiozko ospakizun guztiak. Osasunaren Munduko Erakundeak ere gomendioak eman ditu Eguberrietako jaiei begira: familia eta bestelako bilkurak ahal dela kanpoan eta maskarekin egiteko eskatu du. Bilera baino ordu batzuk lehenago, Urkulluk abisu bat egin du: Eguberriak hasi aurretik ere, neurriak gogortzeko urratsen bat egin dezake Jaurlaritzak. «Aukera bat da». Bide beretik Sanchez goizean, Espainiako Kongresuan: «Orain neurriak sobera arintzen badira, hirugarren olatua oldartu daiteke. Adi egon behar dugu aurrerantzean ere, orain arteko borroka ezin dugu pikutara bidali». Gabonen garairako kezka erakutsi du azken egunotan Frantziako Gobernuak ere, birusa hedatzeko lekua izan daitezkeelako familia eta lagunarteko bazkariak. Hala, zazpi eguneko bakartze prebentiboa egiten ahalko dute ikasleek. Ipar Euskal Herrian, gaur eta bihar ikasleentzat ez da «derrigorrezkoa» eskolara joatea.
2020-12-16
https://www.berria.eus/albisteak/191250/brexit-erako-akordioa-gertuago-dagoela-esan-du-europako-batzordeak.htm
Ekonomia
‘Brexit’-erako akordioa gertuago dagoela esan du Europako Batzordeak
Desadostasunetako bat gainditu dutela iragarri du Von der Leyenek, baina onartu du urrun daudela arrantzan. Londres, ez dago hain baikor
‘Brexit’-erako akordioa gertuago dagoela esan du Europako Batzordeak. Desadostasunetako bat gainditu dutela iragarri du Von der Leyenek, baina onartu du urrun daudela arrantzan. Londres, ez dago hain baikor
Brexit-ari buruzko akordio baten inguruko hotsak bolumena hartzen ari dira. Akordioa egon badagoela iragartzera iritsi ziren sare sozialetako mezu batzuk, baina berehala ukatu zituzten beste iturri batzuek. Edonola ere, akordio baterako giroa berotu du Ursula von der Leyen Europako Batzordeko lehendakariak berak, esan baitu desadostasun nagusietako bat konpontzeko bidean jarri dela. Von der Leyenek eurodiputatuei esan dienez, tresna bat adostu dute bi aldeek lan, ingurumen, eta estatu laguntzen araudietan atzerapausorik izan ez daitezen. Bruselaren eskaera nagusietako bat da hori, ez baitizkio bere merkatu handiaren ateak zabaldu nahi araudi malguagoekin merkeago ekoitziko lukeen bazkide bati. «Ez dakit ituna izango den ala ez, baina esan diezazuket badela akordiorako bide bat, meharra bada ere». Tonu baikor hori apalagoa izan da Londresen. Boris Johnson lehen ministroak «zentzuz» jokatzeko eskatu die EBko «adiskideei», eta haren bozeramaile batek errepikatu du akordio bat ez izateko aukera handia zela. Aldi berean, Erresuma Batuko Gobernuak ohartarazi die diputatuei prest egoteko, eguberrian parlamentuko saio bereziak egon daitezkeelako itun bat bozkatzeko. Itun horretarako oztopo nagusia arrantza dela iradoki zuen Von der Leyenek, gai horretan eztabaida «oso zaila» delako. Reutersen arabera, Bruselak ez du onartu Londresen azken proposamena, hots, hiru urteko epe batean EBko ontziak Ingalaterrako eta Eskoziako ur aberatsak uztea. Hain zuzen ere, brexit-erako akordiorik ez egoteak trabatu egin du EBko Arrantza ministroak ados jartzea kuoten banaketari buruz. Izan ere, legatz, oilar eta zapo kuoten zati handi bat Londres menpeko uretan egiten da. Euskal itsasontzi gutxi dabiltza hango uretan —Ondarroako hiru baizik ez—, han dituzten kuotak gertuagoko uretakoekin trukatzen dituztelako. Baina, akordiorik ez badago, orain batez ere Ingalaterran ari diren asko Bizkaiko Golkora etortzea da euskal arrantzaleen kezka. Bazkide handia Euskal Herriarentzat Erresuma Batua aurten atera da ofizialki Europako Batasunetik, baina haren merkatu bakarrera lotuta jarraitzen du, behin-behinean. Trantsizio hori, ordea, abenduaren 31n bukatuko da, eta luzatzeko aukerarik ez dago honez gero. Bi aldeak hilabeteak daramatzate negoziatzen zer nolako merkataritza harremana izango duten urtarrilaren 1etik aurrera. Johnsonen gobernuak baztertu egin dituenez Erresuma Batuak merkatu bakarrean jarraitzeko aukerak, merkataritza itun bat da orain mahai gainean dagoen aukera bat. Lortuko balitz, muga-zergarik ez litzateke izango bi blokeen artean, eta horrek ahalbidetu egingo luke gaur egungo harreman estuak eta produkzio kateak neurri handi batean jarraitzea. Hori bai, mugetan kontrolak izango lirateke, eta burokrazia handituko litzateke esportatzaileentzat. Beste aukera da akordiorik ez egotea; kasu horretan, MME Munduko Merkataritza Erakundearen arauen araberako harremana izango lukete EBk eta Erresuma Batuak. Horrek muga-zergak ekarriko ditu, ekoizpen kateak urratzea, bien arteko harremana txikitzea eta, agian, finantza astindu bat ere. Berri txarra izango litzateke euskal enpresentzat, Erresuma Batua Erresuma Batua bazkide komertzial handienetan hirugarrena delako. Iaz, Hego Euskal Herrien esportazioen %8,4 joan ziren hara, ia 3.000 milioi euro; inportazioak gutxiago dira, %2,9 edo 750 milioi euro.
2020-12-16
https://www.berria.eus/albisteak/191251/realak-galdu-egin-du-bartzelonaren-zelaian-eta-madarikazioak-iraun-egiten-dio.htm
Kirola
Realak galdu egin du Bartzelonaren zelaian, eta madarikazioak iraun egiten dio
Porrotarekin, hiru hamarkada osatu ditu Camp Noun irabazi gabe. Lehen zatian nagusi izan dira etxekoak; bigarrenean estutu egin dute txuri-urdinek. Adnan Januzajek min hartu du.
Realak galdu egin du Bartzelonaren zelaian, eta madarikazioak iraun egiten dio. Porrotarekin, hiru hamarkada osatu ditu Camp Noun irabazi gabe. Lehen zatian nagusi izan dira etxekoak; bigarrenean estutu egin dute txuri-urdinek. Adnan Januzajek min hartu du.
Badira leku batzuk madarikatuak direnak. Halako tokietan gozatu gutxi izaten da. Horixe gertatzen zaio Realari Camp Noun: donostiarrek 30 denboraldi egin dituzte Bartzelonari bere etxean irabazi gabe, eta hala izango da beste sasoi batez. Gaur aurretik jarri da, eta amaieran estutu du, baina kale. Ohitura lege bihurtu da jada. Etxeko taldeak bere legea ezarri du beste behin, baina ez da erabat eroso aritu. Hasieran bai, nagusitasunez jokatu ditu lehendabiziko minutuak. Une oro Realaren zelai zatian izan du baloia. Kataluniarren erauntsia izan da, eta hari neurria hartu ezinik aritu dira bisitariak. Bartzelonak idatzi du norgehiagokaren gidoia, baina ate aurrean sobera estutu gabe. Halaxe igaro da lehen ordu erdia, harik eta Realak kolpea jo duen arte. Idortasun une hori baliatu du Imanol Alguacilen taldeak bere estreinako aukeran gola egiteko. Ordura arte ez da gerturatu Ter Stegenen atera, baina egin duen aldi bakarrean aurretik jarri da markagailuan. Natxo Monrealek ondo borrokatutako baloiak kornerrean amaitu du. Geldikako jokaldi horretan Cristian Porturi heldu zaio baloia, eta espainiarraren jaurtiketa Robin Le Normandi iritsio zaio. Atzelariak ahal zuen eran jo du, eta Portuk jaso du, berriz ere. Hura azti ibili da; Willian Jose ikusi du bigarren zutoinean, eta brasildarrak ez du barkatu. 28. minutuan aurretik zen Reala. Markagailuko abantaila arnas pixka bat hartzeko baliatu nahi izan dute donostiarrek, baina kale. Bi minutu igaro orduko berdinketaren gola egin du Jordi Albak. Kataluniarrak Messiren pasea jaso du area barruan, eta eskuinez egindako jaurtiketak sareetara joan da. Poz laburra izan da Realarena. Zigor bikoitza izan da, gainera. Bartzelona suspertu egin du gol horrek, eta etenik gabe jo du erasora. Antoine Griezmannek eta Martin Braithwaitek bi aukera argi izan dituzte aurretik jartzeko; langara bota du baloia Zubietan hezitakoak. Zerura, Danimarkarrak. Asko ari zen barkatzen Ronald Koemanen taldea, baina aurki islatu du nagusitasuna markagailuan, Frenkie De Jongek lehen zatia amaitzear zela bigarren eginda. Hasiera batean epaileak jokoz kanpokoa adierazi badu ere, baleko iritzi dio gero. 2-1. Bartzelona nagusi izan da lehen zatian, eta atsedenalditik bueltan aldaketa beharrean izan da Reala. Asmo horrekin ekin zion bigarren zatiari, eta ordura arteko minuturik onenak jokatu ditu. Garaitsu horretan min hartu du Adnan Januzajek, eta Robert Navarro sartu du Imanolek: kataluniarrak debuta egin du Realarekin. Gutxika aurrerako urratsa egin du Realak, jokoaren pisua bere gain hartuz. Minutu onak jokatu ditu, baina eraginkortasunik gabe. Alexander Isakek 72. minutuan izandako aukera, kasurako; zehaztasun gutxi izan du suediarrak, eta partidaren hondarrean Willian Joseri gelditu bikoitza egin dio Ter Stegenek. Nagusi izan arren ezin izan du markagailua orekatu Realak, eta esku hutsik amaitu dhçu partida. Sarri errepikatutako epigrafea izan du partidak: «Hurrena beharko du».
2020-12-17
https://www.berria.eus/albisteak/191275/zubietako-erraustegiak-ez-dauka-jaurlaritzaren-baimenik-argindarra-sareratzeko.htm
Gizartea
Zubietako erraustegiak ez dauka Jaurlaritzaren baimenik argindarra sareratzeko
GuraSOSek argitaratutako Jaurlaritzaren zenbait agirik agerian utzi dute Zubietako erraustegia baimenik gabe ari dela funtzionatzen. Gaur Jose Ignacio Asensiok agerraldia egin behar du Batzar Nagusietan, gaiaz hitz egiteko.
Zubietako erraustegiak ez dauka Jaurlaritzaren baimenik argindarra sareratzeko. GuraSOSek argitaratutako Jaurlaritzaren zenbait agirik agerian utzi dute Zubietako erraustegia baimenik gabe ari dela funtzionatzen. Gaur Jose Ignacio Asensiok agerraldia egin behar du Batzar Nagusietan, gaiaz hitz egiteko.
Abenduaren 1ean sinatutako agiri baten bidez, Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak Ekondakin enpresari —Zubietako erraustegiko kudeatzailea— jakinarazi zion ezin zuela instalazioa inskribatu ekoizpen elektrikoko administrazio erregistroan, gaur egun erabiltzen duen sorkuntza instalazioa (hiru itsas transformadorek osatutakoa) aldi baterako eta potentzia txikiagokoa delako. Sare elektrikoan energia sartu ahal izateko, ezinbestekoa da erregistro horretan inskribatuta egotea, eta, beraz, Zubietako erraustegiak ezin du halakorik egin, erretzen dituen hondakinekin energia sortuko balu ere. GuraSOSek jakinarazi duenez, horren berri helaraziko dio gaur bertan sarea kudeatzen duen Red Electrica Españolari, erraustegia elektrizitatea sarera sartzen ari bada —REEk ukatu egin zuen hala egiten ari zenik urriaren 28an sinatutako dokumentu batean—, aukera hori ken diezaion berehala. Eusko Jaurlaritzak abenduaren 1ean sinatutako agiriaren pasarte bat. BERRIA Elkarte horrek hainbat agiri helarazi dizkie hedabideei erakusteko Zubietako erraustegia orain «arauz kanpo» ari dela funtzionatzen. Hain zuzen ere, joan den astean, instalazioa martxan jartzeko akta sinatu zuen GHK-k Ekondakinekin, eta enpresa emakidadunak ohiko zerbitzua ematen hasi zirela jakinarazi zuen Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak. Zerbitzu horregatik kobratzen hasi zirela ere iragarri zuen. Horri lotuta, aste honetan egindako batzarrean, GHK-k erabaki du 24 milioi euro ordaintzea enpresari instalazioak «ohiko funtzionamenduan» daudelakoan. Horrez gain, abuztu, irail eta urriko ordainketak ere onetsi ditu batzarrak, nahiz eta artean kontratua ez zegoen indarrean. GuraSOSek ukatu egin du, ordea, ohiko funtzionamenduan ari direla, eta, GHK-k gezurretan aritzea egotzi izan dionez, Jaurlaritzaren agiriak publiko egitea erabaki du. «Haiek ari dira gezurretan», ohartarazi dute. Horrekin batera, jakinarazi du pleguetan baldintza gisa ageri dela instalazio elektrikoen erregistroan egotea kontratua martxan jarri ahal izateko. Urriaren 22an egindako ikuskatzearen aktako oharra. BERRIA Beste agiri bat ere erakutsi du GuraSOSek. Jaurlaritzaren Industriako teknikariek ordezko sistema elektrikoan urriaren 22an egindako ikuskatzearen akta jasotzen du horrek, eta ziurtatzen du zortzi arau hauste larri eta arin bat atzeman zituela ordezko transformadore sistema horretan. Batzuek segurtasunean zuten eragina —hala nola suteetan— eta edukiontziak aireztatzean eta hoztean atzemandako akatsak aipatzen dituzte, edota lehen laguntzak emateko sisteman aurkitutakoak. Beste hutsegite batzuk instalazioen legeztatzeari dagozkio: besteak beste, hauek aipatzen ditu: transformadoreen ezaugarrien plakak falta direla, transformadoreen potentzia justifikatu gabe dagoela, likido isolatzailea zehaztu gabe dagoela eta 2. edukiontzian instalatutako goi-tentsioko gelaxken adostasun-adierazpena aurkeztu gabe daudela. Urriaren 29an, Eusko Jaurlaritzak eskatu zion Ekondakini azaroaren 19an amaitzen den 15 eguneko epean akatsak zuzentzeko. Ez zituzten hutsegiteak zuzendu, eta emandako epea luzatzeko baimenik ere ez zuten eskatu. Hala, abenduaren 4an, sistema legeztatu gabe zegoela gogoraraztearekin batera, instalazioak funtzionatzeko baldintzak ez zituela betetzen jakinarazi zion Jaurlaritzak Ekondakini. Egun horretan bertan, Asensiok prentsaren aurrean Industria Sailaren beste agiri bat erakutsi zuen, haren ustez, funtzionatzeko ahalmena ematen ziona. Bi agiri horiek Jaurlaritzako bi funtzionarioren sinadura daukate, GuraSOSek jakinarazi du erraustegiaren behin-behineko instalazio elektrikoa ere legeztatu gabe dagoela, eta industria segurtasunaren araudiari «bizkar emanda» funtzionatzen ari dela Zubietako erraustegia. Egunotan salaketa bat sartu du elkarteak Fiskaltzan, erraustegiaren legeztatze tramitazioan hainbat delitu atzeman dituelako. Besteak beste, instalazioetako kudeatzaileek agiriak faltsutu dituztela eta prebarikazioa egin dutela uste dute. Asensio batzar nagusietan Batzar nagusietan agerraldia egin du Jose Ignacio Asensio GHK-ko presidente eta Ingurumen diputatuak, EH Bilduk eta Elkarrekin Gipuzkoak eskatuta. Oposizioko taldeek agiriak erakusteko eskatu diote, eta diputatuak erantzun die konfiantza eduki behar dutela, eta baimen guztiak dituela. Nahi izanez gero eskatzeko aholkatu die. EH Bilduko Ainhoa Intxaurrandietak zalantzan jarri du haren hitza, eta gezurretan aritzea ere egotzi dio. Irainik ez duela onartuko arrapostu dio Asensiok. Elkarrekin Gipuzkoako Arantza Gonzalezek «lardaskeriatzat» jo du diputazioaren gestioa, eta «oso larritzat» jo du gertatzen ari den guztia. Asensiok «tramite administratibotzat» jo ditu falta diren prozedurak.
2020-12-17
https://www.berria.eus/albisteak/191276/legatzaren-kuota-5-murriztu-dute-eta-antxoarena-35-handitu.htm
Ekonomia
Legatzaren kuota %5 murriztu dute, eta antxoarena %3,5 handitu
'Brexit'-aren eraginpeko espezieen harrapaketen zenbatekoak iazkoak bezalakoak izango dira 2021eko lehen hiruhilekoan.
Legatzaren kuota %5 murriztu dute, eta antxoarena %3,5 handitu. 'Brexit'-aren eraginpeko espezieen harrapaketen zenbatekoak iazkoak bezalakoak izango dira 2021eko lehen hiruhilekoan.
Akordioa egon zein ez, Brexit-ak baldintzatuko ditu datorren urteko harreman komertzialak sektore guztietan, eta, nola ez, baita arrantzarenean ere. Hori hala, Batasuneko estatu kidetako arrantza ministroek aste honetan egin dituzten negoziazioetako bileretan mamu hori ere egon da eserita. Hara joandakoek 2021eko harrapaketen kuotak adostea zuten helburu, eta,akordioa egin badute ere, ezin izan dituzte zalantza guztiak argitu. Behin behineko dokumentu gisa har daiteke, Erresuma Batuaren eta Europako Batasunaren banaketa gauzatzeko moduak eraman dezakeelako gutxi barru kuotak berriz adostu behar izatera. Ia etenik gabeko 24 orduko negoziazioen ondoren, atzo goizean adostasun batera iritsi ziren, Europa osoko arrantza guneetarako, eta formula bat bilatu zuten Erresuma Batuko ontziekin partekatutako uretarako: espezie ia guztien kasuan iazko kuota gehienak mantenduko dituzte, urteko lehen hiruhilekorako: iaz urte osorako ezarri ziren kuoten %25 harrapatu ahal izango dute denbora horretan han dabiltzan ontziek. Salbuespena izango dira berdela eta txitxarroa: urteko kuotan %65 harrapatu ahal izango dute, urteko lehen hilabeteetan egiten baita bi espezie horien kanpaina. Neurriak, Euskal Herrian, alturako barkuei eragingo die bereziki: Ondarroako 17ei eta Pasaiako portuan deskargatzen duten beste herrialdetakoei. Baina baita berdeletan eta txitxarrotan aritzen diren baxurakoei ere. Arrantzaleen artean «oso handia da ziurgabetasuna», Eugenio Elduaien Gipuzkoako Arrantzaleen Kofradietako presidenteak azaldu duenez. Behin neguko aldia igarota, ezezagun da zer gertatuko den partekatutako ur horietako kuotekin. «Oso kezkatuta gaude Brexit-ak eman dezakeenarekin. Asko dago jokoan. Berdelaren eta txitxarroan kanpainak egingo ditugu, eta gero zer?». Kantauri itsasoan Bestela da Brexit-aren eraginetik kanpo dauden arrantza guneetako egoera (hego stock-ean, eta, horren barruan Kantauri Itsasoan). Kasu horretan bai egon dira aldaketak, legatzarenean bereziki. Euskal Herriko ontzidia kontuan hartuz, espezie horrek pisu handia du harrapaketen kopuru totaletan. Batzordeak bere lehenengo proposamenean %12,8ko murrizketa jaso zuen; negoziazioen ondoren, %5era jaitsi dute. «Espainiako ministroak lorpen modura saldu arren, ezin da hala izan denik esan», adierazi du Elduaienek. Arrantzaleak kexu dira, azken urteetan murrizketa handiak izan dituztelako espezie horren harrapaketetan (%20ko jaitsiera, iaz), eta berdin jarraitzeko asmoa agertu duelako Bruselak, «argudio sendorik eman gabe, gainera», Gipuzkoako kofradietako buruak salatu duenez. «Esango baligute erabaki hori hartu dutela biomasa nahikorik ez dagoelako, ulertuko genuke. Baina ez digute frogatu hori». Balorazio baikorragoa egin du Eusko Jaurlaritzako Arrantza zuzendari Leandro Azkuek. Lehen proposamenetik azken akordioan jasotakora dagoen aldea nabarmendu du. «Nondik gentozen ikusita, albistea ez da hain txarra». Euskal ontzientzat garrantzitsua den beste espezie baten kasuan, antxoarenean, ezarritako kuotarekin «konforme>» agertu da Elduaien. Harrapaketak %3,5 gehiago izatea baimendu du Europak, espezie horren populazioak azken urteetan izan duen hobekuntzagatik. Itsas zapoaren eta oilarraren kuotak, aldiz, murriztu egin dituzte: %12,5 eta %7,1 gutxiago, hurrenez hurren. Mihi arrainetan gutxi aritzen dira euskal ontziak; kasu horretan ere izango da jaitsiera, eta handia gainera: %20 gutxiago. Bizkaiko Golkoaren geroa Brexit-ak baldintzatu ditu aurtengo negoziazioak eta luze gabe hala izaten jarraituko du -hegaluzearen kuotak adosteke daude-. Oro har, Europako arrantza sektorearen nahia da etorkizuneko egoera gaur egungoaren ahalik eta antzekoena izatea. Europako Arrantza Aliantzaren arabera, azken hamarkadan, Europako harrapaketen %42 inguru ingeles eta eskoziar uretatik zetozen, eta ehuneko hori, espeziearen arabera, % 60 baino handiagoa izan daiteke. Gainera, beste arazo batzuk sor daitezke. Bruselak eta Londresek akordiorik egin ezean, baliteke Erresuma Batuko uretatik botatzen dituzten ontzi asko Bizkaiko golkora joatea arrantzara eta han ehunka ontzi pilatzea, gatazka ugari sortuz, elkarbizitzakoak, kuoten inguruan eta arrain espezie batzuen iraupenean. Momentuz ez da erabakirik hartu horri buruz. Hego Euskal Herritik, hiru arrantzontzi baino ez dabiltza han. Hala ere, besteek hango kaletan aritzeko duten aukera kuoten trukerako erabiltzen dituzte, Bizkaiko golkoko Frantziako uretan arrantzatzeko. Gaiari buruzko erreportajea: Danbor hotsak sole handian
2020-12-18
https://www.berria.eus/albisteak/191277/herritarren-425ek-euskal-estatuaren-alde-bozkatuko-lukete-erreferendum-adostu-batean.htm
Politika
Herritarren %42,5ek euskal estatuaren alde bozkatuko lukete erreferendum adostu batean
Telesforo Monzon eLaborategiak eta Parte Hartuz EHUko ikerketa taldeak Naziometroa aurkeztu dute: burujabetzari buruzko barometro bat da, eta segida izango du datozen urteetan.
Herritarren %42,5ek euskal estatuaren alde bozkatuko lukete erreferendum adostu batean. Telesforo Monzon eLaborategiak eta Parte Hartuz EHUko ikerketa taldeak Naziometroa aurkeztu dute: burujabetzari buruzko barometro bat da, eta segida izango du datozen urteetan.
Zer iritzi dute euskal herritarrek Espainiarekiko eta Frantziarekiko independentziaren inguruan? Eta euskal estatu bat sortzeko aukeraren inguruan? Zer aldagaik eragiten dute iritzi horretan? Era berean, zenbateraino daude pozik egungo estatus politikoarekin, eta zenbatek nahi lukete etorkizun politikoa erreferendum bidez erabakitzeko aukera edukitzea, erreferendum horretan aukera baten edo bestearen alde egiten dutela ere? Galdera horiei erantzuteko, Naziometroa argitaratu dute Telesforo Monzon Laborategiak eta Parte Hartuz Euskal Herriko Unibertsitateko ikerketa taldeak; burujabetzari buruzko barometro bat da, eta hau da galdeketaren emaitza nagusietako bat: galdetutako herritarren %42,5 euskal estatu baten alde legoke Madrilekin edota Parisekin adostutako erreferendum ofizial batean. 11 punturen aldea ateratzen dio euskal estatuaren aldeko jarrerak kontrako iritziari (%31,5). Lurraldeka, euskal estatuarekiko jarreren aldea nabarmena da Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Nafarroaren artean; aurrenekoan, aldekotasuna %48koa da, eta Nafarroan, %26koa. Haatik, euskal estatuaz galdetu beharrean nafar estatuaz galdetuta, herrialde horretan apur bat orekatzen dira joerak: %43,1 lirateke kontra daudenak, eta %35,4 aldekoak. Euskal estatu horrekiko jarrera, ordea, aldakorra da zenbait aldagai aintzat hartuz gero, eta ondorio nagusi bat azaleratzen du: euskal estatu baten aldeko edo kontrako iritzia erabat baldintzatuta dago estatu berri horrek herritarren eguneroko ongizatean izan lezakeen eraginarekin. Esaterako, euskal estatuaren alde leudekeen guztietatik herenak (%32,2) desados edo oso desados leudeke aukera horrekin, baldin eta Espainiaren edo Frantziaren parte izanda duen egoera ekonomikoa hobetuko ez balu. Joera antzerakoa da politika sozialei erreparatuta —euskal estatu batekin desados edo oso desados leudeke %44,9 egungo politika sozialak hobetuko ez balitu—, eta baita genero politikez galdetuta ere —%42,1, desados edo oso desados; aldiz, %27,1, ados edo oso ados—. Euskal estatuaren inguruko iritzian ere ezinbestekoa da kontuan hartzea Europako Batasunean jarraitzeko aukera; izan ere, euskal estatuaren aldekoen ia erdiak (%49,3) desados edo oso desados leudeke Europako Batasunetik kanpo geratzeko arriskua balego. Kontrakoa ere gertatzen da, ordea: a priori euskal estatuaren aurka daudenetako batzuk ados edo oso ados egon daitezke aukera horrekin egoera ekonomiko hobea ekarriko balu (%34,4), Europako Batasunean segituko balu (%33,8), politika sozial hobeak sortuko balitu (%40,5) eta genero politika hobeak landuko balitu (%37,8). Aintzakotzat hartu beharra dago zenbaki horiek guztiak emandako aukeren artean nagusiak direla; alegia, euskal estatuaren aldekoen nahiz kontrakoen artean, eta atalez atal galdetuta, gehiago direla iritzi hori aldatzeko prest leudekeenak beren hasierako hautuari eutsiko lioketeenak baino. Jokaleku horretan, batetik, gehiago dira euskal estatu baten bideragarritasuna ziurtzat jotzen dutenak (%37,4) hala uste ez dutenak baino (%27,8), baina parekatuagoak daude euskal estatu horretan hobeto edo okerrago biziko liratekeela uste dutenak: %30,4k diote hobeto biziko liratekeela; %31,5ek, okerrago; eta %20,4k, berdin. Halere, erronka sozialei erantzuteko orduan izango lukeen gaitasunari dagokionez, %34k uste dute euskal estatu batek egun dauden erronka ekonomiko eta sozialei hobeto erantzungo liekeela, eta %21ek, okerrago. Gai batean, ordea, adostasunak zabalagoak dira: hiru euskal herritarretik bik uste dute beren etorkizun politikoa erabakitzeko eskubidea izan beharko luketela (%63). Ehuneko handiena Euskal Autonomia Erkidegoan dago (%64,1), eta parekoa da Nafarroan ere (%63,4). Ipar Euskal Herrian, berriz, apur bat apaltzen da (%58). Duela lau urte, Euskal estatua irudikatzen ikerketa egin zuten Ipar Hegoa fundazioak eta Parte Hartuz-ek, eta orduko hartan ere antzekoa izan zen erabakitzeko eskubidearen aldeko jarrera zeukatenen ehunekoa (%66,8). Gehiengo hori berresten du beste datu batek: erkidego bakoitzean adostasun politikoa egonda, etorkizun politikoa erreferendum bidez erabakitzeko aukerari buruz galdetu denean, Frantziako edo Espainiako Gobernuek erreferendum hori onartu beharko luketela uste dute euskal herritarren %66k, eta debekatu, berriz, %19k. Etorkizun politikoaz harago galdetuta, ordea, erabakietan parte hartzeko eta bestelako gobernantza eredu bat ezartzeko nahiak adostasun zabalagoa du; galdekatuen %72k nahi dute bizi diren lurraldeko gai sozial, ekologiko eta ekonomikoekin zerikusia duten edukiez erabaki ahal izatea. Oro har, euskal herritarren erdiak baino gehiago oso edo nahikoa pozik daude egungo estatus politikoarekin (%55,1), baina, Espainiako eta Frantziako lurralde antolaketarako formulak proposatuz gero, seitik batek aukeratuko luke egungo eredu autonomikoa. Babes handiena lukeen formulazioa litzateke erkidegoei erabakitzeko eskubidea aitortzea; hirutik batek nahiko lukete eredu hori (%33,6), eta %30,1ek eskumen gehiago ematea erkidegoei. Euskal lurraldeen arteko kohesioaz ere galdetu dute inkestan. Batetik, egileek nabarmendu dute inor gutxik (%3,7) jartzen duela auzitan Euskal Herriaren existentzia, baina hura ulertzeko modu diferenteak daudela. Nagusia da hamarretik lauk azaltzen dutena: zazpi lurraldeena. %35ek, ordea, Araba, Bizkai eta Gipuzkoarekin soilik lotzen dute Euskal Herria. Hori horrela, zer iritzi dute herritarrek lurraldeen arteko harremanez? Hegoaldeko lurraldeek erkidego bakarra osatzearen aldekoak %45,7 dira, eta hirutik bat kontra dago. Aldiz, askoz zabalagoa da hiru eremuek beren erkigoetan jarraitu eta harremanak estutzearen aldeko iritzia: bostetik lauk onesten dute aukera hori. Bestalde, COVID-19aren izurriaren kudeaketaz galdetzeko ere baliatu dute inkesta. Besteak beste, ondorioetako bat da udalak direla herritarren aldetik balorazio onena jasotzen duten erakundeak: %42,6 daude pozik horien jardunarekin. Ondoren daude Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Elkargoa, eta segidan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako diputazioak. Espainiako edota Frantziako Gobernuak dira balorazio kaskarrena jasotzen duten instituzioak (%23,8), Europako Batasunaren atzetik. Horri lotuta, eta pandemia kudeatu ahal izateko, herritarrek uste dute Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskal Elkargoak eskumen gehiago behar dituztela (%45,7). Haatik, aginte bakar bat zehaztu behar izanez gero, ia pare-parean daude hiru aukera: Europako Batasuna; Frantziako eta Espainiako Gobernuak; eta Euskal Elkargoa, Nafarroako Gobernua eta Jaurlaritza. Osasun publikoan eta herritarren bizimoduan izandako ondorioez gain, koronabirusak beste dimentsio batzuetan izan ditzakeen eraginak aztertu nahi izan dituzte ikerketan. Batetik, hamar herritarretik lauk uste dute izurriak ahuldu egin dituela Europako Batasunaren integrazio handiagorako argudioak (%42), eta bostetik batek uste dute kontrakoa: indartu egin duela (%19). Mugimendu independentisten argudioei dagokienez, ordea, herritarren ia erdiek ez dute uste COVID-19ak inolako eraginik izan duenik (%46,3). Gainerakoen artean, gehiago dira, eraginik izatekotan, kalte handiagoa egin diela uste dutenak (%24) mesede egin diela uste dutenak baino (%18). Inkestatuen soslaia ere landu dute barometroaren egileek. Erdiak euskal herritarrak sentitzen dira, eta horietatik erdiak pasa (%26,9), baita espainiarrak edo frantziarrak ere. Soilik frantziar edo espainiar sentitzen direnak %7 dira. Horrez gain, galdekatutakoek ezkerrean kokatzen dute euren burua ezker-eskuin ardatzean (hamar puntutik lau), eta beren burua feministatzat (5,9) eta ekologistatzat (6,8) dute. Gainera, zerotik hamarrera, 6,6 puntutan kokatzen dute batez beste euskararen normalizaziorako duten aldekotasuna, eta, euskal abertzaletasunaren ardatzean, 4,8koa da batezbestekoa.
2020-12-17
https://www.berria.eus/albisteak/191278/behargin-bat-hil-da-saratxoko-saihesbideko-lanetan.htm
Ekonomia
Behargin bat hil da Saratxoko saihesbideko lanetan
Atzo gertatu zen istripua. Gainera erori zitzaion gaineko pasabide baten kofratuaren zati bat.
Behargin bat hil da Saratxoko saihesbideko lanetan. Atzo gertatu zen istripua. Gainera erori zitzaion gaineko pasabide baten kofratuaren zati bat.
Saratxoko (Araba) saihesbidean lanean ari zela gertatu da istripua: gaineko pasabide baten kofratua desmuntatzen ari zirela, egitura metalikoaren zati gainera erori zaio. Osalanen arabera, atzo goizean gertatu zen ezbeharra. 31 urteko langilea helikopteroz eraman zuten Gurutzetako ospitalera, baina arratsaldean hil zen. Atzokoarekin, sei dira urtea hasi zenetik lan istripuen eraginez hil diren beharginak Aiaraldean; 69 Euskal Herrian —Joaquin Beltran desagertuta dago—, LAB sindikatuaren arabera. Arabako Aldundiak sustatutako lanak dira saihesbidekoak, eta UTE Balgorza –NYPSA- Aglomerados Los Serranos enpresa ari da horiek burutzen. Hildako langilearen kasuan, azpikontrata baten soldatapean ari zen jardunean. LAB sindikatuaren zenbaketaren arabera, Euskal Herrian 69 langile hil dira urtea hasi zenetik, eta kopuru horri oraindik Zaldibarko zabortegian desagertuta dagoen Joaquin Beltran gehitu behar zaio. Sindikatuaren arabera, heriotza horiek ez dira «kasualitateak» eraginak: «Sistema eta eredu produktiboaren emaitza diren erailketak dira». CCOOk ere «ohiz kanpokotzat» jo du aurtengo heriotza kopurua, kontuan izanik COVID-19ak eragindako egoerak jarduera ekonomikoaren moteltzea eragin duela; «eskandalagarria da». CCOOk mobilizaziorako deia egin du biharko, Arabako patronalaren egoitzaren aurrean, Gasteizen. Obraren gorabeherak Saratxo Bizirik plataformak eta Saratxoko Administrazio Batzarrak hainbat aldiz salatu dituzte saihesbidearen lanetan egondako gorabeherak, aiaraldea.eus atariak argitaratu duenez. Besteak beste, uraren bideraketa okertzea eragin duela adierazi dute.
2020-12-17
https://www.berria.eus/albisteak/191279/krisiak-gutxienez-bi-urte-iraungo-duela-uste-dute-enpresari-gehienek.htm
Ekonomia
Krisiak gutxienez bi urte iraungo duela uste dute enpresari gehienek
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako merkataritza ganberen inkestaren arabera, enpresarien %56k uste dute koronabirusak eragindako krisi ekonomikoak 2021. urtean ere indarrez jarraituko duela
Krisiak gutxienez bi urte iraungo duela uste dute enpresari gehienek. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako merkataritza ganberen inkestaren arabera, enpresarien %56k uste dute koronabirusak eragindako krisi ekonomikoak 2021. urtean ere indarrez jarraituko duela
Bigarren olatuaren larritasunak areagotu egin du euskal enpresarien kezka ekonomiaren susperraldiaren inguruan. Erdiek baino gehiagok (%55,6) uste dute bi urtez luzatuko dela krisia, bi urtez behintzat. Azaroaren 18tik 30era 2.081 enpresariren artean egindako inkestaren emaitza jakinarazi dute gaur Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako merkataritza ganberek, eta emaitza horrek oso behean kokatzen du enpresarien konfiantza pandemiaren irtenbideari dagokionez. Izan ere, bigarren olatuaren larritasunak eta hark eragin dituen neurri murriztaileek iritzi aldaketa nabarmena ekarri dute enpresetara; duela sei hilabete, aurreikuspen baikorragoa helarazi zuten enpreariek. Orain beltzago ikusten dituzte gauzak. %44k uste dute 2020ko negozio maila txarra edo oso txarra izango dela; ehunekoa %25era jaisten da 2021. urteaz galdetzean. Bada beste datu kezkagarri bat euskal ekonomiarentzat: enpresa esportatzaileen %67k diote COVID-19aren krisiak kalte handia egiten diela beren salmentei. Dena den, salmenten nazioartekotzean kokatzen dute soluziorik eraginkorrena. %65ek diote orain beren helburua dela merkatuen azterketa zorrotz bat egitea salmentak handitu ahal izateko. Beste giltzarrietako bat inbertsioa da; uste dute inbertsio gutxi egongo dela datozen bi urteetan. %20k esan dute ez dutela inbertsiorik egingo, eta %51k, gutxienekoa baizik ez dutela inbertituko. Laguntza publiko gehiago Jokalekua horren kezkagarria izanik, eta txertoen eraginkortasunaren eboluzioaren zain, Jose Angel Corres ganberen presidenteak apustu argia egin du "kolaborazio publiko pribatuaren alde enpresentzat". COVID-19ak jotako enpresa txiki eta ertainentzat, baita autonomoentzat ere, errezeta bera nahi du: kolaborazio publiko-pribatua. Alegia, laguntza publiko handiagoak nahi ditu enpresentzat, finantzaketa alorrean esaterako, eta zergak arintzea ere bai.
2020-12-17
https://www.berria.eus/albisteak/191280/naziometroa-burujabetzaren-barometroa.htm
Naziometroa: burujabetzaren barometroa
Naziometroa: burujabetzaren barometroa.
Telesforo Monzon Laborategiak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Parte Hartuz ikerketa taldeak osatu dute Naziometroa, zio batek bultzatuta: “Euskal Herri mailan burujabetza eta independentzia asmoek politikaren erdian jarraitzen badute ere, ez dago oso argi burujabetza, autogobernua, independentzia eta horiek zeharkatu ditzaketen gaien inguruko herritarren iritzia zein den. Naziometroaren bidez Euskal Herrian herritarrek gai hauen inguruan dituzten iritzi eta hautemateak aztertu nahi dira”. Hori modu jarraian egin nahi dute: “Neurketa puntual edo koiuntural batetik harantzago, urteroko maiztasuna izango duen barometro bat osatu da iritzi joerak aztertu ahal izateko”. Funtsean, honakoak izango dira ikerketaren helburu nagusiak: “independentzia nahia neurtzea” eta horretarako nahiz unionismoaren aldeko hauturako arrazoi nagusiak zehaztea, “unean uneko abagune politikoan Euskal Herri osoa bilduko duen estatu edo errepublika baten aurreko jarrerak” neurtzea, jarrera horien atzean egon daitezkeen motibazio ekonomiko, politiko, sozial eta abarrak neurtzea, “atxikimendu gehien jaso dezaketen hitz edo kontzeptuak ezagutzea”, “subiranotasunak lurraldeka garatuta burujabetza orokorrari egin diezaiokeen ekarpena neurtzea” eta “jarrera eta iritzi horien ezaugarritze soziodemografikoa” egitea. Batzorde Zientifiko bat osatu dute, inkesten emaitzen berariazko irakurketa burutzeaz arduratuko dena. Batzorde honen ardura izango da, halaber, Naziometroaren zehaztasun zientifikoa bermatzea. Landa-lana Aztiker soziologia ikerguneak egingo du. 1.289 elkarrizketa egin dituzte: Araba, Bizakaia eta Gipuzkoan 629 inkesta egin dira, 420 Nafarroan eta 240 Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Landa-lana urriaren 2tik azaroaren 9ra egin zen. Elkarrizketak telefonoz edo online egin dituzte, euskaraz, gaztelaniaz edo frantsesez, elkarrizketatuen nahiaren arabera.
2020-12-17
https://www.berria.eus/albisteak/191281/gorenaren-ustez-epaia-bertan-behera-uzteak-ez-dakar-absoluzioa.htm
Politika
Gorenaren ustez, epaia bertan behera uzteak ez dakar absoluzioa
Bigarren aretoak arrazoitu du Auzitegi Nazionalaren sententzia indargabetzearen «ondorioa» izan beharko litzatekeela beste epaiketa bat egitea. «Eskubidea» dute defentsak eta akusazioek
Gorenaren ustez, epaia bertan behera uzteak ez dakar absoluzioa. Bigarren aretoak arrazoitu du Auzitegi Nazionalaren sententzia indargabetzearen «ondorioa» izan beharko litzatekeela beste epaiketa bat egitea. «Eskubidea» dute defentsak eta akusazioek
Bateragune auziko bost auzipetuak atzera epaitzea «derrigorrezkoa» da, Espainiako Auzitegi Gorenaren ustez. Bigarren aretoko hamasei epaileek argudiatu dute, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak 2018ko azaroan ebatzi zuela auzipetuek ez zutela epaiketa justu bat eduki, Angela Murillo Auzitegi Nazionaleko epailea ez zelako «inpartziala» izan. Gorenak gaur kaleratutako epaiaren arabera, joan den udan horregatik beragatik indargabetu zuen 2012ko maiatzean berretsitako epaia. Iruditzen zaio, horrenbestez, epaia «bertan behera» uztearen «ondorioa» izan beharko litzatekeela beste epaiketa bat «ahalik eta azkarren» egitea, egin ezean ez legokeelako auziari buruzko «baliozko epairik», eta horretarako «eskubidea» baitute defentsak eta akusazioek. Guztiz baztertu du, ordea, sententzia indargabetua izatearen ondorioa «absoluzioa» denik. Joan den astelehenean jakinarazi zuten Arnaldo Otegi, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta, Rafa Diez eta Arkaitz Rodriguez berriro epaituko dituztela Auzitegi Nazionalean, Goreneko fiskalaren eskaerari men eginez. Miguel Colmenero Goreneko bigarren aretoko magistratuak idatzi du sententzia, eta azaldu du auzipetuak kondenatuak izan zirela, ezarri zizkietela kartzela zigorrak: 31 urte guztira, 2009 eta 2017 artean betetakoak. «Horiek horrela, alde batetik, zuzenbide estatua ezin da ezer egin gabe gelditu zuribide ezagunik ez duen libertate urraketa horren aurrean», nabarmendu du Colmenerok. Ahozko epaiketaren aurreko egoerara itzuliko da auzia. Ez zen egon, hemezortzi orrialdeko epaian jaso dutenez, auziari buruzko «baliozko ebazpen jakinik», eta horrek «berehalako bi ondorio» edukiko lituzke. Batetik, «justiziak» ez duela hartu gertatutakoari buruzko «behin betiko» erabakirik; eta akusatuek zigorra bete dutela gertakari batzuen ondorioz, «zeintzuen gainean ez den behin-betiko erabakirik hartu». Zigor areto hartako osoko bilkurak aho batez azpimarratu du akusatzaileek akusazioei eusten dietela. Vox eskuin muturreko alderdiak jarritako helegitea aintzat hartu zuen fiskaltzak duela hilabete inguru, eta, hain zuzen, horri men egin dio Manuel Marchena magistratua buru duen aretoak —Kataluniako buruzagi subiranisten kontra egindako epaiketako epaimahaiko presidentea izan zen—. Auzitegi Nazionalean, ordea, —han epaitu zituzten akusatuak 2011ko udan, ETAren gidaritzapean Batasunaren Mahai Nazionala berregitea egotzita— ez zuen onartu epaiketa berriro egiteko AVT-Verde Esperanza biktimen elkarteak egindako eskaera. Joan zen urrian ebatzi zuen hori. Ebazpen horretan zehaztu zuen, hain zuzen ere, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak adierazten duela «pertsona interesdunek» eskatuta soilik egin daitekeela epaiketa berriro. Gorenak uste du auzipetuen defentsek horri heltzen diotela, baina bigarren aretoaren «irizpidea» ez dela hori. «Izan ere, ez litzateke bigarren epaiketa bat izango, lehena indargabetua izan baita akusatuetako baten oinarrizko eskubide bat babeste aldera», arrazoitu du. Horri dagokionez, nahiz eta aretoak uste duen urratu egin dela akusatuak epaile inpartzial baterako zeukan eskubidea, halaber nabarmentzen du ezin duela eragin hori gehiago hedatu eta akusatuari biderik eman «barne zuzenbideak onartzen ez dion ahalmenik izan dezan prozesuan, aintzat harturik leporatzen zitzaion delituak zer ondasun juridikori eragin dien». Magistratuek pasa den astelehenean jakinarazi zutenez, Giza Eskubideen Europako Hitzarmeneko zazpigarren protokoloko 4.2 artikuluak bigarren epaiketa bat egiteko aukera ematen du, epaiaren aurreko prozesuan «funtsezko akats bat» eman baldin bada. Horri heldu dio, eta adierazi du badirela adibideak erakusten dutenak prozeduran «funtsezko akats bat» egon baldin bada beste epaiketa bat ekarri dutenak. Nabarmendu du Giza Eskubideen Europako Auzitegiak onartu zuela iaz Errumanian kausa bat berriro irekitzea. «Erabaki horrek justifikatuta egon behar du gertakari berriak daudelako, edo aurreko prozeduran oinarrizko akats bat aurkitu delako». Dena den, berriak kontsultatutako juristen iritziz, 4.2 artikulu horren helburua da, nolabait, kaltetuek izatea aukera epaiketa berri bat edukitzeko. Aurrekariez Txostenean aipatu dute Gorenean zortzi aurrekari daudela adierazten dutenak lehen instantzian absoluzioa eman bazen ez zela «ebazpen berri bat», beste epaiketa bat, alegia, «beharrezkoa» izan, auzia Estrasburgora eramanagatik. «Baina kasu honetan, ordea, auzipetuak kondenatuak izan ziren lehen instantzian», zehaztu dute magistratuek epaian.
2020-12-18
https://www.berria.eus/albisteak/191282/elak-bi-greba-egunetara-deitu-ditu-jangeletako-eta-eskola-garraioko-langileak.htm
Gizartea
ELAk bi greba egunetara deitu ditu jangeletako eta eskola garraioko langileak
Urtarrilaren 27rako eta 28rako deitu ditu grebara. Eskatzen dutena bete ezean, ez dute baztertzen deialdi gehiago egitea. LABek, berriz, mobilizatzeko prest dagoela esan du, «irakaskuntza publikoko langile guztien lan baldintzak hobetzeko».
ELAk bi greba egunetara deitu ditu jangeletako eta eskola garraioko langileak. Urtarrilaren 27rako eta 28rako deitu ditu grebara. Eskatzen dutena bete ezean, ez dute baztertzen deialdi gehiago egitea. LABek, berriz, mobilizatzeko prest dagoela esan du, «irakaskuntza publikoko langile guztien lan baldintzak hobetzeko».
Ikasturte hasiera mugitua izaten ari da hezkuntzako langileen artean, eta ELAk beste bi egunetarako grebara deitu berri ditu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetako jangeletako eta garraioko langileak: urtarrilaren 27an eta 28an egingo dute greba. Eta ohartarazpen bat egin dute: eskatutako erabakiak eta neurriak bete ezean, ez dute baztertzen beste deialdi bat egitea. Sindikatuaren arabera, badaude arrazoiak grebarako. ELAren irudiko, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ez du «konpromisorik» hartu eta «benetako apusturik» egin eskoletako jantoki eta garraio zerbitzuak «kalitatezkoak eta seguruak» izan daitezen. Negoziatzea ere faltan bota du sindikatuak: «Hainbat aldiz eskatu dugu Hezkuntza Sailarekin eta hezkuntzako enpresa elkarteekin esertzeko, zerbitzu horiek adostasunez antolatzeko, kolektiboek planteatzen dituzten eskaera eta beharretatik abiatuta». Baina, sindikatuaren arabera, Hezkuntza Sailak ez die jaramonik egin familiek, ikastetxeek eta langileek dituzten premiei, «inposaketa jarrera batekin, aldebakarrez erabakiak hartuz eta kolektiboak aintzat hartu gabe». Nabarmendu dutenez, orain arte egindako greben bidez lortu dute Hezkuntza Sailarekin biltzea. Azaroaren 10erako deitua zuten bigarren bilera, ordea, bertan behera utzi zuen Hezkuntza Sailak, eta, ELAren hitzetan, oraindik ez diete jakinarazi noiz egingo duten. Bitartean, uste dute ikasturte hasieratik egoerak ez duela hobera egin; aitzitik, agerian geratu dira «gabezia eta behar gehiago»: «Kolektibo hauek erabateko babesgabetasun egoeran daude». ELAren arabera, hartutako erabakiak ez dira izan langile horien beharrak asetzeko. «Hezkuntza Sailak publikoki esan du zerbitzuak indartu dituela [jangeletarako] 600 begirale berri kontratatuta, baina ez du esan zein izan den hori egiteko onartu duen aurrekontuetako aparteko dirua». Sindikatuaren arabera, gainera, lanpostu horiek ez dira berriak: «Lanpostu horietan jarri dituzte orain arte eta duela urte batzuetatik hona aldizkako lanpostu finkoa izan duten langileak, ohi baino lanaldi txikiagoekin eta enpleguari eusteko inolako bermerik gabe». Egoera ikusita, hainbat eskaera egin ditu ELAk: ratioak berrikustea eta aplikatzea, ibilbideak areagotzea, begiraleei talde egonkorrak esleitzea, langileak kontratatu eta orduak areagotzea, protokoloak eta segurtasun neurriak adostea eta enpleguari eustea, besteak beste. Horrela laburtu ditu eskaerak ELAk: «Hezkuntza Sailak bere gain har dezala zerbitzu horiekin duen erantzukizuna ikastetxe publikoetan, pribatuetan eta itunpekoetan, eta, beste kolektibo batzuekin egin duen bezala, onar dezala ikasturte osoan zerbitzuaren eskaintza eta kalitatea bermatzeko eta enpleguari eta lan baldintzei eusteko behar den aurrekontua». LAB, mobilizatzeko prest LAB sindikatuak agerraldi bat egin du, eta esan prest daudela mobilizatzen jarraitzeko. Sindikatuaren arabera, hezkuntza publikoko langile kolektiboetan zabaldutako negoziazio mahaiak defendatuko dituztela, eta ziurtatu dute prest daudela mobilizatzeko, «lan hitzarmen duinak lortzeko eta langile publikoen baldintzak hobetzeko helburuarekin». Sindikatuak nabarmendu du aldarrikapen zehatzak «planteatu eta aldarrikatu» dituztela: irakasleen kasuan, etapaz etapa aztertuz, geletako ikasle kopurua jaitsiz eta horretarako irakasleak kontratatuz; langile kolektibo guztietan erretiro pizgarriak ematea... «Langile kolektibo batzuetan Hezkuntza Sailarekin negoziazio mahaietan edukien lanketa egiten hasi bagara ere, argi daukagu aldarrikapenak lortzeko bidea ez dela erraza izango», ohartarazi du LABek. Horregatik, ziurtatu dutenez, ikastetxeetatik eta haur eskoletatik «presionatzen eta mobilizatzen» jarraitzeko asmoa dute. Izan ere, haien hitzetan, ez dago lan baldintza onik gabeko kalitatezko hezkuntzarik.
2020-12-17
https://www.berria.eus/albisteak/191283/hegoaldean-atzemandako-positiboen-ehunekoa-36ra-apaldu-da.htm
Gizartea
Hegoaldean atzemandako positiboen ehunekoa %3,6ra apaldu da
Beste 520 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian, bezperan baino 155 gutxiago. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, hiruretan apaldu da detektatutako positiboen kopurua; ez, ordea, Nafarroan. Azken hogei egunetako daturik makurrena erregistratu dute foru erkidegoan.
Hegoaldean atzemandako positiboen ehunekoa %3,6ra apaldu da. Beste 520 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian, bezperan baino 155 gutxiago. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, hiruretan apaldu da detektatutako positiboen kopurua; ez, ordea, Nafarroan. Azken hogei egunetako daturik makurrena erregistratu dute foru erkidegoan.
Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, apaltzera egin du kutsatuen kurbak Hegoaldean. Birusa detektatzeko 14.402 proba egin ziren atzo, eta 520 COVID-19 kasu atzeman dituzte; hau da, bezperan baino 155 gutxiago. Gainera, nabarmen txikitu da positiboen ehunekoa: %3,6koa izan da atzo Hegoaldean egindako testetan. Asteartean egin zirenetan, berriz, %4,5ekoa izan zen. Hala eta guztiz ere, kontrako bi joera daude datu horren atzean: Osakidetzak egindako testen %3,1ek eman dute positibo. Nafarroan, berriz, ia %7koa da ehunekoa. Bizkaian atzeman dute positibo gehien: 177 izan dira, bezperan baino 54 gutxiago. Gipuzkoan 138 kasu detektatu dituzte, aurreko egunean baino 105 gutxiago. Araban 79 positibo zenbatu ditu Osakidetzak, hau da, bezperan baino 25 gutxiago. Nafarroan, berriz, Hegoaldeko gainerako herrialdeetan ez bezala, hazi egin da egun bakarrean atzemandako kasuen kopurua: 124 positibo zenbatu ditu Osasunbideak atzoko probetan. Nafarroako Gobernuak aurreratutako datuen arabera, azken hogei egunetan erregistratutako daturik makurrena da positibo kopuruari dagokionez. Positiboen ehunekoak ere nabarmen egin du gora foru erkidegoan: atzo egindako testen %6,8k eman dute positibo. Bezperan, berriz, %5ekoa izan zen ehunekoa, 93 kasu zenbatuta. Ospitaleen egoerari dagokionez, Osakidetzak eta Osasunbideak jakinarazi dutenez, atzo 46 pertsona ospitaleratu zituzten gaitzak eragindako sintomak larriagotuta. Azken datuen arabera, 453 lagun daude ospitaleetako gela arruntetan erietxeraturik, eta, berriz, 120 pertsona daude ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan.
2020-12-17
https://www.berria.eus/albisteak/191284/hilaren-27an-hasiko-da-txertaketa-europako-batasunean.htm
Gizartea
Hilaren 27an hasiko da txertaketa Europako Batasunean
Datorren astelehenean Europako Botiken Agentziak txertoaren aldeko erabakia hartzea espero da, eta prozesua lehenbailehen abiatzea
Hilaren 27an hasiko da txertaketa Europako Batasunean. Datorren astelehenean Europako Botiken Agentziak txertoaren aldeko erabakia hartzea espero da, eta prozesua lehenbailehen abiatzea
«Europaren garaia da», azaldu du gaur sare sozialen bidez Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak: "Hilaren 27an, 28an eta 29an hasiko da txertaketa". Hain zuzen ere, hilaren 21ean dira egitekoak Pfizer eta Biontech konpainiek COVID-19aren aurka garatu duten txertoari onespena emateko bilera, Europako Botiken Agentzian, eta, batzar horretan dena ondo badoa, txertoak jartzen hasteko prozesua lehenbailehen jarri nahi du martxan Europako Batzordeak. Lehia eta lasterka bizian jardun dute hilabeteotan botika konpainiek izurriari aurre egiteko txerto baten bila, eta, orain, administrazioak bizkortzen ari dira txertaketa hasteko prozesuak. Erresuma Batua izan zen lehena txertoa onesten eta jartzen: abenduaren 8an jarri zituzten lehen dosiak. Asteon Ameriketako Estatu Batuetan hasi dira. Europako Batzordeak ez du atzean geratu nahi. Hasieran iragarrita zegoen abenduaren 29an egingo zuela Europako Botiken Agentziak txertoari onespena egiteko batzarra, baina asteon adierazi dute bilera aurreratzeko asmoa.
2020-12-17
https://www.berria.eus/albisteak/191285/emaztea-mailukadaz-hiltzeagatik-21-urteko-zigorra-jarri-diote-gizonezko-bati.htm
Gizartea
Emaztea mailukadaz hiltzeagatik 21 urteko zigorra jarri diote gizonezko bati
Arabako Probintzia Auzitegiak 21 urteko kartzela zigorra ezarri dio 2017an Lantaronen (Araba) emaztea hil zuen gizonezkoari. Maltzurkeriaz aritzea ere egotzi diote, andrea lurrean zegoela oraindik ere jotzen segitzeagatik.
Emaztea mailukadaz hiltzeagatik 21 urteko zigorra jarri diote gizonezko bati. Arabako Probintzia Auzitegiak 21 urteko kartzela zigorra ezarri dio 2017an Lantaronen (Araba) emaztea hil zuen gizonezkoari. Maltzurkeriaz aritzea ere egotzi diote, andrea lurrean zegoela oraindik ere jotzen segitzeagatik.
Joan den astean amaitu zen 2017an Lantaronen (Araba) emaztea hil zuen gizonezkoaren aurkako epaiketa, eta zinpeko epaimahaiak deliberatu zuen erruduna zela erasotzailea. Hilketa leporatu diote, astungarriekin eta maltzurkeriarekin. Horregatik, 21 urteko espetxe zigorra ezarri dio orain Arabako Probintzia Auzitegiak. Sententziak dio "sopresaz" harrapatu zuela andrea, eta, hura lurrean egon arren, buruan mailu kolpeak ematen jarraitu zuela erasotzaileak. Hortaz, gizonak "emakumea hiltzeko intentzioa" zuela dio epaileak, eta azpimarratu du erail egin zuela ez zuelako onartu andreak gizonezkoarengandik banandu nahi izatea. "Berea ala beste inorena ez" zela izango ere esan zuela jaso dute sententzian. Kalte ordainak Hildako andreak eta erasotzaileak bi haur zituzten, eta bakoitzari 120.000 euroko kalte-ordaina ordaindu beharko dio; andrearen anai-arrebei, berriz, 20.000. Gainera, adin txikikoa den semearen gurasotasun baimena ere kendu diote.
2020-12-18
https://www.berria.eus/albisteak/191286/macronek-positibo-eman-du-koronabirusean.htm
Mundua
Macronek positibo eman du koronabirusean
Zazpi egunez bakartuko da Frantziako presidentea. Jean Castex lehen ministroa eta Pedro Sanchez Espainiako presidentea ere bakartu egin dira, Macronekin kontaktuan izan direlako.
Macronek positibo eman du koronabirusean. Zazpi egunez bakartuko da Frantziako presidentea. Jean Castex lehen ministroa eta Pedro Sanchez Espainiako presidentea ere bakartu egin dira, Macronekin kontaktuan izan direlako.
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak positibo eman du PCR proban, Eliseo jauregiko iturriek ohar batean jakinarazi dutenez. Zazpi egunez bakartuta egongo da Macron, eta telematikoki erantzungo die dituen topaketei, oharraren arabera, baina aitortu dute agendan moldaketak egin beharko dituztela. Presidentetzako iturriek argitu dute Macronek "lehen sintomak izan eta berehala" egin zuela PCR proba, eta gaur jaso duela emaitza. Jean Castex lehen ministroa ere bakartu egin da, Macronen positiboaren berri izan ostean. Frantziak txertaketa kanpaina egiteko zer irizpideri jarraituko dien azaltzeko agerraldia egitekoa zen Senatuan Castex, gaur arratsaldean, baina bertan behera utzi du. Senatuak berak azaldu du, ondoren, arrazoia. Castexek berak ere PCR proba bat egin du, baina haren iturriek adierazi dute oraindik ez dutela probaren emaitza jaso. Richard Ferrand Asanblea Nazionaleko presidenteak ere erabaki bera hartu du, eta bakartu egingo da zazpi egunez, asteartean Macronekin gosaldu zuela eta. Berrogeialdiak, errenkadan Kontaktu zerrenda luzeagoa da, ordea, eta herrialdeko mugetatik haragoko zenbaiti ere eragin die Frantziako presidentearen positiboak. Pedro Sanchez Espainiako presidentearekin, Charles Michel Europako Kontseiluko presidentearekin eta Angel Gurria OCDEko idazkari nagusiarekin elkartu zen Macron astelehenean. Moncloak jakinarazi du Sanchezek bertan behera utzi dituela konpromiso guztiak, eta bakartu egingo dela bera ere. Gutxienez abenduaren 24ra arte berrogeialdian egongo da Espainiako presidentea; alegia, Macronekin elkartu zenetik hamar egun igaro arte. Sanchezek ere COVID-19aren proba bat egingo duela zehaztu dute. Michelek ere berrogeialdia egingo duela adierazi du Barend Leyts haren idazkariak, baina bakartzeko erabakia "badaezpada" hartutakoa dela esan du, Twitter bidez. "Gertuko kontaktua ez dela jakinarazi diote Frantziako agintariek presidenteari. Erregularki COVID-19aren testak egiten ditu presidenteak, eta negatibo eman zuen asteartean". Antonio Costa Portugalgo lehen ministroa ere berrogeialdia egitera behartu du Macronen positiboak. Izan ere, elkarrekin izan ziren atzo. "Osasun agintariek arriskuaren inguruko balorazio bat egin arte" hala egongo dela jakinarazi du Portugalgo Gobernuak. Frantziako Gobernuak Ministro Kontseilu bat eta Defentsa Kontseilu bat egin ditu asteon, eta bietan izan da Macron. Hala ere, Eliseoko iturriek argitu dute bilkura horietan izan zirenek ez dutela bakartu beharko, maskarak jantzita eta distantziak errespetatuta egin zituztelako.