date
stringdate 2012-09-20 00:00:00
2023-12-01 00:00:00
| url
stringlengths 47
182
| category
stringclasses 10
values | title
stringlengths 3
140
| subtitle
stringlengths 0
1.17k
| summary
stringlengths 5
1.18k
| text
stringlengths 2
35.8k
|
|---|---|---|---|---|---|---|
2020-12-7
|
https://www.berria.eus/albisteak/190801/bengoetxea-eta-etxeberria-final-laurdenetara.htm
|
Kirola
|
Bengoetxea eta Etxeberria, final laurdenetara
|
Bengoetxeak 22-16 irabazi dio Irribarriari lau eta erdiko final-zortzirenetan, eta Etxebarriak 22-8 Arteagari.
|
Bengoetxea eta Etxeberria, final laurdenetara. Bengoetxeak 22-16 irabazi dio Irribarriari lau eta erdiko final-zortzirenetan, eta Etxebarriak 22-8 Arteagari.
|
Argitu da nork jokatuko dituzten lau eta erdiko txapelketako final laurdenak. Final zortzirenetako azken bi neurketak atzo jokatu ziren Eibarko Astelena pilotalekuan: lehen norgehiagokan Oinatz Bengoetxeak 22-16 irabazi zion Iker Irribarriari, eta Peio Etxebarriak, berriz, 22-8 Axier Arteagari.
Erritmo handiko lehia batean, lau eta erdikoan espezialista dela erakutsi zuen atzo Bengoetxeak. Ez zion erraza jarri, ordea, Irribarriak. Hasieratik aurrea hartu zuen Aramakoak, baina sakea eskuratu zuenean, pixkanaka, nagusitu egin zen Bengoetxea. Etxeberriak, berriz, aise menderatu zuen Arteaga. Hasieratik nagusitu zen Etxeberria, eta min handia egin zion sakez Arteagari.
Bi nafarrek badakite noren aurka jokatuko duten final laurdenetan. Bengoetxeak Mikel Urrutikoetxea gainditu beharko du final aurrekoak jokatzeko; Etxeberriak Erik Jaka izango du parean, buruz buruko txapeldun berria. Beste bi final aurrekoak Artola-Ezkurdia eta Elezkano-Altuna izango dira.
|
2020-12-7
|
https://www.berria.eus/albisteak/190802/zuerako-espetxea-gradu-progresiorako-oztopoa-dela-salatu-du-foro-sozialak.htm
|
Politika
|
Zuerako espetxea gradu progresiorako «oztopoa» dela salatu du Foro Sozialak
|
Motibazio Politikoko Euskal Presoei Aplikatutako Espetxe Politikaren Behatokiak hirugarren txosten monografikoa kaleratu du: oraingoan, Zuerako espetxearen «bide itsuaz». Ohartarazi du lehen graduan dauden presoek ezinezkoa dutela bigarrenera igarotzea, eta bigarrenean daudenei ez dietela baimenik ematen.
|
Zuerako espetxea gradu progresiorako «oztopoa» dela salatu du Foro Sozialak. Motibazio Politikoko Euskal Presoei Aplikatutako Espetxe Politikaren Behatokiak hirugarren txosten monografikoa kaleratu du: oraingoan, Zuerako espetxearen «bide itsuaz». Ohartarazi du lehen graduan dauden presoek ezinezkoa dutela bigarrenera igarotzea, eta bigarrenean daudenei ez dietela baimenik ematen.
|
Euskal Herritik 245 kilometrora egon arren, «bide itsu bat» da Zuerako espetxea (Zaragoza, Espainia), euskal presoei ez dielako gradu progresioan aitzina egiteko aukerarik ematen. Halaxe salatu du Foro Sozialak sorturiko Motibazio Politikoko Euskal Presoei Aplikatutako Espetxe Politikaren Behatokiak. Gai zehatz bat hartuta egiten duen hirugarren txosten monografikoa da: aurrekoa bakartzeari buruz egin zuten, eta Zuerako espetxeko egoera lantzea erabaki dute oraingo honetan. Izan ere, Behatokiak salatu duenez, Zuerako kartzela Euskal Herritik hurbil daudenen artean kokatua badago ere, «oztopoa» da euskal presoen gradu progresiorako. Hain zuzen, txostenean salatu dute lehen graduan dauden presoei ez dietela bigarrenera igarotzeko aukerarik ematen, eta bigarren graduan daudenek, berriz, ez dutela irteera baimenik eskuratzen.
Zortzi euskal preso daude gaur egun Zuerako espetxean, eta epe motzean bertze sei eraman beharko lituzkete, Espainiako Espetxe Erakundeek iragarritako hurbilketen helmugen artean baitago Zaragozako kartzela. Behatokiak azaldu duenez, ordea, egoeraren berri duten presoek ez dute hara joan nahi: «Hurbiltzen dituzten hainbat preso horra eramaten dituzte, baina, kartzela horretara iritsita, presoek ez dute inolako aukerarik graduetan aurrera egiteko. Zinezko bide itsu bat da, eta errealitate hori ezagutzen duten presoek ez dute horra hurbilduak izan nahi».
Zueran dauden presoen adibide zehatzak eman dituzte txostenean. Erraterako, Iñaki Bilbao Gaubekak, Kepa Legina Aurrek, Francisco Mujika Garmendiak eta Juan Luis Agirre Letek zigor luzeak dituzte, espetxe urteen hiru laurdenak beteta, eta ez diete uzten bigarren gradura igarotzen. «Sorgin gurpil» bat dela salatu du Foro Sozialak, ez baitiete espetxeko programetan parte hartze uzten: «Lehen graduan sailkatuta dauden presoek ezin dute normaltasunez parte hartu programetan, eta, beraz, ezin dute frogatu kartzelako erregimen arruntera egokitzen direla; eta, ezin duenez hori egin, ez diote graduz aldatzen uzten. Eta berriz hastera». Behatokiak salatu du «denboran luzatzen den epai, helegite eta auto kate bat» dela, «zeinaren ondorioz preso askok lehen graduan bukatzen baitituzte zigorrak, bigarren gradura igaro, baimenak lortu eta hirugarren gradura pasatzeko aukerarik izan gabe». Berdin gertatu zaie bigarren graduan egonda Zuerara eraman dituzten presoei: ez diete utzi irteera baimenak lortzen, eta, beraz, hirugarren gradura igarotzen. Kepa Arronategi preso eriaren kasua jarri dute adibide, eta oroitarazi dute, bertze anitzetan bezala, «iraganeko» argudioak erabili izan dituztela hari buruzko ebazpen judizialetan: erraterako, ETAn berriro sartzeko arriskua, nahiz eta 2018an erakunde armatuak bere burua desegina izan. Behatokiak ohartarazi du haren kasua azkenean ebatzi bazen abokatuei esker eta Espetxe Zaintzako Epaitegiaren erabakiagatik izan zela —Arrasateko (Gipuzkoa) Aita Menni zentrora eramatea lortu zuten, azkenean—, eta ez Zuerako espetxeko tratamendu batzordeari esker.
Foro Sozialaren ustez, Zueran gertatzen dena lehendik salatu izan duten lobby-aren «beste erakustaldi bat» da, eta Behatokiaren txostenak kezka azaldu du halako egoerak antzeko hurbileko espetxeetan errepika ez daitezen. Halaber, joan den urtean proposaturiko «guztion eta guztiontzako euskal bidea» jorratu nahia berretsi du foroak, presoak hurbiltzea eta graduetan aurrera egiteko modua emango lukeena.
|
2020-12-7
|
https://www.berria.eus/albisteak/190803/presidenteak-uko-egin-dio-gobernua-osatzeko-ardura-psdren-gain-uzteari.htm
|
Mundua
|
Presidenteak uko egin dio Gobernua osatzeko ardura PSDren gain uzteari
|
Sozialdemokratek irabazi dituzte bozak, bost puntuko aldearekin. Agintean diren liberalek botoen %25 eskuratu badituzte ere, babes gehiago dituzte koalizio gobernua osatzeko.
|
Presidenteak uko egin dio Gobernua osatzeko ardura PSDren gain uzteari. Sozialdemokratek irabazi dituzte bozak, bost puntuko aldearekin. Agintean diren liberalek botoen %25 eskuratu badituzte ere, babes gehiago dituzte koalizio gobernua osatzeko.
|
Ia boto guztiak zenbatuta, bost puntuko aldea ateratzen dio orain arte oposizioan egon den PSD Alderdi Sozial Demokratak, Ludovic Orban lehen ministroaren NLP Alderdi Nazional Liberalari. Hala, lehen emaitzen arabera, botoen %30 eskuratuko lituzke lehenak eta %25 bigarrenak. Parte hartzea, berriz, %31,8koa izan da Errumaniako Parlamenturako hauteskundeetan, inoizko txikiena.
Bi alderdi nagusien arteko tartea horren txikia izanik, alderdi txikiagoek izango dute gobernua osatzeko giltza, eta horiek liberalek zuzendutako koalizio baten alde daude, inkesten arabera. Liberalak EB Europako Batasunarekiko harremanak estutzearen alde daude. Hala, Klaus Iohannis presidenteak baztertu egin du gobernua osatzeko ardura PSDren gain uztea. «Garbi dago, emaitzak elkartuz gero, zentro-eskuineko alderdiek elkarrekin botoen %50 baino gehiago lortu dutela», argudiatu du. Presidentearen helburua NLP, USR PLUS —hirugarren indarra, botoen %15 eskuratuta—, eta eskuineko eta zentroko beste hainbat alderdi elkartzeko gai izango den hautagai bat izendatzea da.
Boto guztiak zenbatzen amaitu aurretik eskatu du Orbanen dimisioa PSDko buru Marcel Ciolacuk: «Hori da errumaniarrek eskatu dutena euren botoekin». Gobernuburuak, lehen unean, ez du porrotik onartu, baina bere kargua utzi du, azkenean. Nicolae Ciuca Defentsa ministroak beteko du haren hutsunea, Parlamentuak gobernuburu berria aukeratu bitartean. Ciuca militar ohia da, Orbanen alderdi berekoa, eta urtebete inguru zeraman ministro gisa, zentsura mozio batekin PSDren aurreko gobernua kanporatu zutenetik.
Bestalde. lehen aldiz, eskuin muturrak ere ordezkaritza izango du Errumaniako Parlamentuan. Errumaniaren Batasunerako Aliantzak botoen %9 eskuratu ditu bozetan.
Europako herrialderik pobreenetako bat izanik, azken urteetan bertako milioika herritarrek mendebaldeko estatuetara jo dute bizimodu hobe baten bila.
|
2020-12-7
|
https://www.berria.eus/albisteak/190804/kartzelan-sartu-dute-barakaldon-zatikatuta-agertu-zen-gizonaren-neska-laguna.htm
|
Gizartea
|
Kartzelan sartu dute Barakaldon zatikatuta agertu zen gizonaren neska laguna
|
Emakumearen mutil lagun ohia ere atxilotu zuten harekin batera, baina ez da epailearen aurretik igaro oraindik.
|
Kartzelan sartu dute Barakaldon zatikatuta agertu zen gizonaren neska laguna. Emakumearen mutil lagun ohia ere atxilotu zuten harekin batera, baina ez da epailearen aurretik igaro oraindik.
|
Ertzaintzak bi pertsona atxilotu zituen joan den ostiralean, duela bi aste Barakaldoko (Bizkaia) Arrontegi mendian agertutako gorpuzkiekin lotura izan zezaketelakoan. DNA probek adierazi dute arrasto horiek uztailean desagertutako 62 urteko gizon batenak direla. Gaur, bi atxilotu horietako bat, desagertutako gizonaren neska laguna, kartzelara sartu dute, Europa Press berri agentziaren arabera. Iturri horiek esan dute bigarren atxilotua, emakume horren mutil lagun ohia, ez dela epailearen aurretik igaro oraindik.
Uztaileko desagerpena ikertzen ari zirela jo zuten poliziek mendira, aztarna gehiago aurkitzeko asmoz. Gorpuzkiak nola agertu ziren kontuan izanda —hilotza moztu egin dute, eta hankak baino ez dituzte topatu—, ikerlariek ondorioztatu dute gizona ez zela bere borondatez desagertu eta erail egin zutela.
|
2020-12-7
|
https://www.berria.eus/albisteak/190805/beste-397-kasu-positibo-atzeman-dituzte.htm
|
Gizartea
|
Beste 397 kasu positibo atzeman dituzte
|
Hegoaldeko azken datuetan, oro har, egindako azken testen %6,3 izan dira positiboak.
|
Beste 397 kasu positibo atzeman dituzte. Hegoaldeko azken datuetan, oro har, egindako azken testen %6,3 izan dira positiboak.
|
Beste 397 kasu positibo. Horiek dira atzo Osakidetzak eta Osasunbideak COVID-19a atzemateko testetan atzemandako diagnostiko berriak. Orotara 6.300 test egin zituzten, eta positiboen ehunekoa, beraz, %6,3 da. OME Osasunaren Mundu Erakundeak ezarria duen irizpidea da behin %5aren langa gaindituta izurria kontrolpean hartzeko bidean jar daitekeela, baina portzentaje horretatik gora jarraitzen dute datuek.
Osakidetzak larunbatean baino 1.762 test gutxiago egin zituen atzo, eta berak emandako datuen ehunekoa apur bat apaltzea lortu du: %6.5etik %6,03ra. Nafarroan, berriz, %6,2tik %7,6ra igo da. Datuok argi uzten dute oraindik ere adi ibili behar dela birusarekin. Horren gainean ohartarazten ari dira osasun agintariak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan Eguberrietara hartuko diren neurri zehatzei begira, asteazkenean egingo du bilera bat Labi aholku batzordeak. Nafarroako osasun agintariek esan zuten hilaren erdialdera emango zituztela zehaztapenak. Irizpide orokorrak lehengo astean jakinarazi ziren, Espainiako Gobernuko agintariek autonomia erkidegoetako arduradunekin egin zuten bileraren ostean.
156 kasu atzeman dituzte Bizkaian, 106 Gipuzkoan, 82 Nafarroan eta 49 Araban. Beste lau kasu dira kanpoan bizi diren pertsonenak.
|
2020-12-7
|
https://www.berria.eus/albisteak/190806/bihar-arteko-epea-dute-poloniak-eta-hungariak-atzera-egiteko.htm
|
Ekonomia
|
Bihar arteko epea dute Poloniak eta Hungariak atzera egiteko
|
Aurrekontuari jarri dioten betoa kentzen ez badute, Next Generation plana haiek gabe ezartzeko bide bat bilatuko du EBk.
|
Bihar arteko epea dute Poloniak eta Hungariak atzera egiteko. Aurrekontuari jarri dioten betoa kentzen ez badute, Next Generation plana haiek gabe ezartzeko bide bat bilatuko du EBk.
|
Poloniari eta Hungariari ultimatum bat eman diete Europako Batasuneko beste gobernuek: EBren aurrekontu proiektuari jarritako betoa kendua behar dute; edo, bestela, aurrekontu hori lotuta dagoen suspertze plana, Next Generation, haiek gabe jarriko da indarrean. Denbora tarte laburra dute erantzuteko Varsoviako eta Budapesteko gobernuek, bihar arratsaldera arte.
Next Generation planaren bitartez 750.000 milioi euro banatu nahi ditu EBk estatukideen artean, koronabirusaren krisiaren kalteei aurre egiteko; baina, batez ere, EBren etorkizuneko erronkei bultzada bat emateko, hala nola trantsizio energetikoari. Gutxi gorabehera, diruaren erdia maileguak izango dira, eta beste erdia, Bruselari itzuli beharko ez dizkioten transferentziak. Funts horren onuradun nagusien artean leudeke Polonia eta Hungaria, EBko estaturik pobreenen artean daudelako, baina arrazoi politikoengatik blokeatzen dituzte. Izan ere, Varsoviako eta Budapesteko gobernuek estuago lotzeko klausula batekin doa funtsa: haren dirua nahi duenak ezingo du «zuzenbide estatua bortxatu».
Kontzeptu zabala da hori, eta, ziur aski, EBko kide gehienei leporatu dakieke modu batera edo bestera legeak zintzoki ez betetzea, baina urteak daramatzate Viktor Orbanen Hungariak eta Mateusz Morawiwckiren Poloniak jarrera autoritarioekin eta talde zehatz batzuk jazartzen. Aurrekontuari betoa jarrita, ziurtatu nahi dute klausula hori urardotuko dutela eta ez zaiela haiei ezarriko.
Baina orain hori egiteak, hainbat hilabetetako negoziazio neketsuen ondoren, beste kolpe bat emango lioke EBren sinesgarritasun zigortuari. Horregatik, B plan bat lantzen aritu da Europako Batzordea: suspertze funtsa osatu nahi du gainontzeko estatukideen babesarekin, eta EBren aurrekontuari lotu gabe. Proposamen horren arazoa da aurrekontuak blokeatuta egongo litzatekeela aurrerantzean ere, eta 2014-2020ko epekoa berritu beharko lukeela EBk.
|
2020-12-7
|
https://www.berria.eus/albisteak/190807/berriz-ekin-diete-osakidetzako-lan-eskaintza-publikoen-auziko-deklarazioei.htm
|
Gizartea
|
Berriz ekin diete Osakidetzako lan eskaintza publikoen auziko deklarazioei
|
Gaur, Neurokirurgiako tribunaleko presidenteak deklaratu du, inputatu gisa.
|
Berriz ekin diete Osakidetzako lan eskaintza publikoen auziko deklarazioei. Gaur, Neurokirurgiako tribunaleko presidenteak deklaratu du, inputatu gisa.
|
Irailean COVID-19 kasu posible bategatik bertan behera geratu ostean, gaur ekin diete berriz Osakidetzako 2016-2017ko LEP lan eskaintza publikoetako ustezko iruzurrari lotutako deklarazioei. Gaur, Neurokirurgiako tribunaleko presidenteak deklaratu du, inputatu gisa, baita hiru lekukok ere. Asteazkenean ere lekukoek deklaratuko dute.
LAB sindikatua akusazio partikularra da auzian, eta komunikabideei adierazpenak egin dizkie. Sindikatuak azaldu duenez, ekainean eginbide batzuk eskatu zituzten, eta guztiak onartu dizkiete: «Eginbide horien barruan zegoen 24 lekukori deklarazioa hartzea, eta hainbat dokumentazio eskatzen genuen. Epaileak, orain arte, guk eskatutako eginbide guztiak onartu ditu».
Dokumentazio hori iristen ari zaiela adierazi dute, eta orain arte zeukaten tesia indartzen ari dela: «Gure tesia indartzen ari da: hemen filtrazioak egon direla –sekretuak agerrarazte delitua–, eta zilegi ez den elkarte delitua dagoela». Osakidetzako zuzendaritzara begira jarri dira: «Ikusten ari gara hor 18 urtean zegoen Osakidetzako zuzendaritzak parte hartu zutela momentu askotan, eta gero eta beharrezkoagoa izango dela haiek epaitegietara hurbiltzea azalpenak ematera, gauza askok azalpenak behar baitituzte».
Lekuko eta inputatu gehiago
LABek hurrengo egunetan edo asteetan jakinaraziko ditu zein pauso emango dituen, baina aurreratu dutenez, lekuko eta inputazio gehiago eskatuko dituzte: «Ekainean esan genuen Jon Darpon Osasun sailburu ohia, Maria Jesus Mujika Osakidetzako zuzendari ohia, [Juan Carlos] Soto eta [Xabier] Balerdi giza baliabideetako zuzendaritzatik eta [Andoni] Arzelai Osakidetzako Asistentzia Sanitarioko zuzendaria zirela nukleo operatiboa osatzen zutenak, baina zerrenda handituko dugu, ikusi dugulako jende gehiagok parte hartzen zuela». Orain arteko emaitzekin gustura dago sindikatua, eta lanean segitzeko asmoa berretsi du: «Oso pozik gaude, ikusten ari garelako prozesu honetako motorrak garela».
|
2020-12-7
|
https://www.berria.eus/albisteak/190808/uraren-prezioa-merkatuen-esku.htm
|
Ekonomia
|
Uraren prezioa, merkatuen esku
|
Lehengaien merkatuan finkatuko da Kaliforniako uraren prezioa. Halako kontratuak merkaturatzen diren lehen aldia da AEBetan.
|
Uraren prezioa, merkatuen esku. Lehengaien merkatuan finkatuko da Kaliforniako uraren prezioa. Halako kontratuak merkaturatzen diren lehen aldia da AEBetan.
|
Petrolioa, artoa, urrea... Horien eta beste lehengai ugariren prezioak balore burtsen antzeko araudiak dituzten lehengaien merkatuetan finkatzen dira. Zerrenda horretara beste bat batu da gaur: ura. Hala, uraren gerokoak, hau da, etorkizunerako inbertsioak, Wall Streeten merkaturatu dira, lehengaiak jasan dezakeen eskasiaren beldur. CME taldeak Kaliforniako uraren kontaketarekin lotutako kontratuak jaurti ditu, 1.100 milioi dolarreko balioarekin. Konpainiaren arabera, uraren kudeaketak dakartzan arriskuei aurre egiten eta eskaintza eta eskaria lerrokatzen lagunduko du.
Halako kontratuak merkatura zabaltzen diren lehen aldia da AEBetan. Irailean eman zuten erabakiaren berri, eta beroak eta suteek herrialdeko mendebaldeko kostan utzitako ondorio larriak dira arrazoia; batez ere, Kalifornian eragindakoak.
Gerorako kontratuek ez dute ura fisikoki entregatzeko beharra adierazten, kontratuak finantzarioak baitira, Kaliforniako bost arro nagusien asteko batez besteko prezioaren arabera finkatuko direnak. Horretarako, Nasdaq Veles California Water (NQH2O) indizea erabiliko dute. Hala, gaur, 1.233 metro kubikoren balioa 400,82 eurokoa zen. Prezio hori duela urtebete ezarrita zegoenaren bikoitza da, eta eskasiak igoera hori areagotzea espero dute.
Bloomberg aldizkariaren arabera, «prezioen igoeraren aurrean», Kaliforniako uraren kontsumitzaile nagusientzat «babes» gisa funtzionatuko du erabakiak, baita lehengaiaren «eskasiaren» adierazle gisa ere. Izan ere, CME taldearen arabera, etorkizunean urak izango duen prezioa finkatzeko aukera emango du, merkatuko aktore nagusien estimazioak kontuan hartuz.
CME taldeak ez du adierazi, ordea, merkatuan parte hartuko duten kideak zein izango diren, baina bai gaiak nekazaritza eta abeltzaintza alorreko enpresen interesa piztu duela, baita hainbat enpresa publikorena ere; tartean, Kaliforniako uraren agentzia eta zerbitzu publikoak kudeatzen dituzten hainbat enpresa. Hala, enpresek eta funts pribatuek uraren prezioaren aurrean babesteko aukera izango dute, baina baita harekin espekulatzekoa ere.
NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, 2.000 milioi lagun ura lortzeko arazo larriak dituzten herrialdeetan bizi dira, eta datozen urteetan Lurreko herritarren bi herenek izan ditzakete lehengai hori eskuratzeko arazoak. Eskasiaren arrazoi nagusiak, gehiegizko kontsumoa eta klima aldaketa dira, erakunde haren esanetan.
|
2020-12-7
|
https://www.berria.eus/albisteak/190809/etxean-ezin-irabazi.htm
|
Kirola
|
Etxean ezin irabazi
|
Garaipena merezi arren, Eibarrek 0-0 berdindu du Ipuruan. Bi baloi bidali ditu zutoinera, baina azken jokaldian partida galtzear egon da.
|
Etxean ezin irabazi. Garaipena merezi arren, Eibarrek 0-0 berdindu du Ipuruan. Bi baloi bidali ditu zutoinera, baina azken jokaldian partida galtzear egon da.
|
Ipuruan garaipena lortu ezinik segitzen du Eibarrek denboraldi honetan. Puntu bakarrarekin konformatu behar izan du oraingo honetan, 0-0 berdindu baitu Valentziaren kontra. Jose Luis Mendilibarren taldea hobea izan da: baloiaren jabetza eta partidaren aginte makila izan ditu. Partidaren azken txanpan aukerak izan ditu; besteak beste, Enrichek baloi bat bidali du langara. Baina nolakoa den futbola. Neurketako azken jokaldian ia galdu egin du. Buruz buruko jokaldian gelditu bikaina egin dio Dimitrovicek. 11.a da orain sailkapenean.
Eibarrek erritmo biziz eta ondo hasi du partida. Valentziak, berriz, sasoi honetan egin ohi duen moduan, atzean sartuta, kontraerasora irteteko. Ohikoena izan ez arren, baloiaren jabetza izan dute gipuzkoarrek. Pixkanaka, ordea, erritmoa galduz joan da norgehiagoka. Hori ez zitzaion komeni Eibarri. Parekatua izan da lehen zati hori, eta gol aukera gutxikoa.
Bizi atera da Eibar bigarren zatian, baina 53. minutuan Valentzia lehen gola egiteko puntuan egon da. Maricek punpa lasterrean errematatu du, eta Dimitorvicek sekulako gelditua egin du. Eibarrek hobea izaten segitu du, eta azken minutuetan estutu egin du. Are gehiago sartu du atzean Valentzia. Eta ia erreskadan bi baloi bidali dituzte zutoinera Bryan Gilek eta Enrichek. Lehenak 83. minutuan, eta besteak 86.ean. Merezi zuen garaipena, Javi Graciaren taldeak partida txikia egin baitu. Baina Herrialde Katalaneko taldea, aipatu bezala, garaipena lortzeko zorian egon da. Hor agertu da beste behin. Igandean Realaren kontrako derbia izango du Eibarrek, Anoetan (14:00).
|
2020-12-8
|
https://www.berria.eus/albisteak/190848/zahar-etxeetan-konpondu-beharreko-guztia.htm
|
Gizartea
|
Zahar etxeetan konpondu beharreko guztia
|
Koronabirusa zahar etxeetan eragiten ari den arazoez hizketan aritu dira egoitzetako langileak, han senideak dituztenak eta bi egoiliar.
|
Zahar etxeetan konpondu beharreko guztia. Koronabirusa zahar etxeetan eragiten ari den arazoez hizketan aritu dira egoitzetako langileak, han senideak dituztenak eta bi egoiliar.
|
Pello Igarataundi eta Naxari Arakistain. Egoiliarrak
Zestoako San Juan egoitzari «etxe» esaten diote Arakistain eta Igarataundik; goratu egiten dute hango langileen jarduna, «xomorroak» bizitza estuagoa egin duen garai ilunotan ere.
Bizialdiaren bederatzigarren hamarraldian sartuta daude biak, hauskortasuna saihestea ezinezkoa den aro horretan. Hala ere, tente daude oraindik, burua argi, solasa zoli. Pello Igarataundi Unanuek (Zestoa, Gipuzkoa, 1927) eta Naxari Arakistain Egigurenek (Aizarna, Zestoa, Gipuzkoa, 1929) orain urte pare bat utzi zuten beren etxea, ezkondu ondorenean Zestoan elkarrekin hartu zuten bizilekua. Orain, «etxe» esaten diote Zestoako San Juan adinekoen egoitzari: «Gure etxea da». Sentitzen dute bertako langileek, oinarrizko zaintzez aparte ere, bizitzeko ezinbestekoa den abaroa ematen dietela, girorik maitekorrenetan ematen den artaren hatsa. «Hemen dauden neskak eta! Noiznahi gure ondora etortzen zaizkigu, gure ohera: 'Nik ere hementxe egingo dut lo'. Oso-oso jatorrak dira. Etxe honek ez dauka aitzakiarik; tokia ezin hobea da», azaldu du Arakistainek. Horrexek pandemiak ekarritako nekeak arindu dizkiela argi dute biek, baina sumatu dute haren itzala. «Lehen, hobeto, xomorro xahar hau sartu arte».
Egoera epidemiologikoaren arabera, egoitzetan martxotik hona birusari aurre egiteko hartu behar izan dituzten prebentzio neurriak aldakorrak izan dira; baita Zestoako honetan ere. Ekarri dute, gizarte osoarenak nola, egoiliarren askatasunak murriztea. Zahar etxeen kasuan, gainera, COVID-19ak adinekoen artean duen larritasunak eraginda, are estuagoak izan dira erabakiak. Positiborik ez dute izan San Juan egoitzan, eta pozgarria da hori, baina nostalgiaz oroitzen du Igarataundik etxeak izurria heldu aurretik zuen irekitasuna, hango libertatea: «Lehen, ez zegoen mugarik nahi zuena sartu eta ateratzeko, edota kanpora irteteko, eta elkarri kontuak esaten jarduteko. Orain, ordea, ordu erdikoak izaten dira bisitak; denbora gutxi da hori. Denbora gutxian ere kontu asko esaten ditugu guk, ahal den guztiak; baina lehengoaren falta sentitzen dugu».
Nahieran etxekoak ezin ikusi, pena hori du Arakistainek ere: «Izan ere, ilobak asko maite ditugu; haiek ere bai gu. Orain, baimena eskatu behar izaten dute etortzeko». Etxe barruan ere, lehengo libertaterik ez dute orain: mugatuak dituzte mugimenduak. «Gu, adibidez, hirugarren solairuan bizi gara; orain hantxe egiten dugu guk bizimodua».
Hala ere, etxeko abaroari esker, prebentzio neurri horiek ekarri duten bakartzea eramangarriagoa dela uste dute. Elkarren babesa ere estimatzen dute: «Hitz egiteko-eta, bi gara». Halakorik gabe, beste jende askorentzat hilabeteok «gogorragoak» izango ziren uste argia dute. Burua argi, zerekin entretenitua badute, gainera, biek. «Nik, adibidez, pintatu egiten dut asko», azaldu du Arakistainek. «Ni lorategiko lanetan orduak egindakoa naiz», esplikatu du Igarataundik.
Badute albisteen berri: badakite izurria zertan den. Gauetan erreparatzen diete maiz, logelan: «Oso kuarto ederra daukagu». Han, telebistaren aurrean, mundura begira jartzen dira: «Txertoarekin hastera doaz; zaharrei eta haien zaintzaileei jartzen hasiko dira».
Sandra Temprano. Erizain laguntzailea
Adineko egoitzetako langileek «laguntza psikologikoa» falta dutela dio Tempranok. Enpresatik jasotzen ez dutena, baina, egoiliarren senideengandik jasotzen dute.
Sandra Tempranok (Gasteiz, 1981) hamazazpi urte daramatza adinekoen egoitzetan lanean; azken hamabostak, Gasteizko Ariñez zahar etxean. Erizain laguntzailea da. Izurriaren bigarren oldera kutsaturik gabe iritsi dira Ariñezen: ez da kasu bakar bat ere egon ez langileen artean, ez egoiliarren artean. Osasun neurriak «zorrotz» betetzen dituzte, eta, «zorionez», ez dute kutsaturik izan: «Segurtasun protokolo bat daukagu. Esaterako, egoiliar batzuei logelan bertan ematen diegu gosaria, eta beste batzuei, egongelan. Hainbat taldetan banatuak ditugu, eta ez dira sekula elkartzen».
Izurritearen lehen oldeak jo zituen gogorren zahar etxeak. Garai hura herstura biziz gogoratzen du Tempranok. «Oso latza» izan zen, eta egoerak «gainezka» egin zien: «Lanetik estresatuta eta antsietatearekin irteten nintzen: psikologikoki, oso gaizki, eta fisikoki, are okerrago». Orduan bizi izandakoa iltzatuta dauka memorian, amesgaizto bat balitz bezala: «Etxerako bidea negarrez egiten nuen, eta etxera ailegatzerakoan, seme-alabak agurtzera etortzen zirenean, ez gerturatzeko eskatzen nien. Dutxa bat hartu eta lasaitu arte, ez nituen besarkatzen».
Martxotik hona bestelakoa da egoera. Izurriaren bigarren astinaldia gogorra izaten ari da, baina Tempranok aitortu du berak «nahiko ongi» daramala; izan ere, martxoan ez bezala, ez ditu «ezustean» harrapatu, eta norbera babesteko materialak sobera dituzte. Hobeto egoteak, hala ere, ez du esan nahi ongi daudenik. Higadura sumatzen dute, eta laguntza falta ere bai. Tempranok aitortu du lehen olatuan zein bigarren honetan egoitzetako langileek faltan izan dutela «laguntza psikologikoa». «Gizatasun gehiago, horixe behar dugu. Oraindik asko sufritzen ari diren lankideak ezagutzen ditut, baina enpresatik ez digute inolako laguntza psikologikorik eskaintzen». Enpresatik jaso ez dutena, baina, egoiliarren senideengandik jasotzen dute: «Haiek beti egoten dira gurekin kezkatuta. Bisitak etenda zeudenean eta euren senideekin bideo deiak egiten zituztenean ere, beti galdetzen ziguten ea nola geunden, ea zerbait behar genuen... Izugarri babesten gaituzte».
Zainketa lanen «prekaritatea» eta sektorearen lan baldintza «eskasak» salatzeko, urte eta erdi daramate borrokan Arabako adinekoen egoitzetako langileek. Tempranok parte hartzen du astero egiten duten elkarretaratzean. Gogaituta mintzo da: «Guk ez dugu fabrika batean lan egiten: guk pertsonak zaintzen ditugu, menpekotasun handia duten adineko pertsonak. Maite dugu gure lana, baina ez dago balioetsita». Haserrea ulertzeko datuak eman ditu jarraian: urtean 1.792 ordu lan egiten dute, eta 997 euroko oinarrizko soldata jasotzen dute. Zaintzaile ratioak «lotsagarriak» dira, gainera: 49 egoiliar artatzeko, bost langile daude goizez, eta beste bost arratsaldez. Ez da nahikoa: «Ezin diegu eman merezi duten zaintza eta arreta».
Pandemiaren ondorioak, langileengan ez ezik, erabiltzaileengan ere sumatzen dituzte: «Lehen biko mendekotasun gradua zuenak orain hirukoa dauka. Mugikortasuna murriztu zaien neurri berean apaldu zaie osasuna. Eta tristeago daude».
Mikel Auza. Senitartekoa
Mikel Auzaren aitak 87 urte ditu, eta egoiliarra da Iruñeko Vergel zentroan. Entzumen eta ikusmen arazoak ditu, eta itxialdiak «kalte psikologiko handia» eragin diola dio semeak.
Zimeltzen. Horrela ikusi du Mikel Auzak aita, Iruñeko Vergel zahar egoitza publikora bisitan joan izan zaion azken aldietan. «Itzaltzen ari zaigu, egunetik egunera». 87 urte ditu Manuel Auzak, eta 2013. urtetik darama zentro horretan egoiliar. «Gure aita erdi gorra da, eta, azken urteetan, ikusmena ere galdu du nabarmen, kataratengatik», azaldu du semeak. Egoera zaurgarri horretan, Manuelentzat inoiz baino beharrezkoagoak dira senideen bisitak, baina martxoan, izurria zabaltzearekin batera, errotik moztu zizkioten. «Lehen konfinamendu hura oso-oso gogorra izan zen harentzat», gogoratu du Auzak. «Ekain erdialdean baimendu zituzten bisitak atzera ere, eta orduan konturatu ginen bakartzeak kalte egin ziola. Uste dugu dementzia moduko bat garatzen hasia dela, eta itxialdiak bizkortu egin duela prozesua».
Urrian, pandemiaren bigarren olatuarekin batera, zahar etxeetako bisitak bigarrenez eten zituen Nafarroako Gobernuak. Horien ordezko gisa, telefono deiak eta bilera telematikoak egitea proposatu zieten senideei, baina Manuel Auzaren gisako kasuetan halakoek «deusetarako ez» dutela balio dio haren semeak: «Gure aitak ez du ongi aditzen, eta ikusi ere oso gutxi ikusten du. Nola hitz eginen diogu telefonoaren bertzaldetik? Ez du zentzurik». Hiru salbuespen ezarri zizkion gobernuak bisiten debekuari: egoiliarra hilzorian egotea, «gabezia neurokognitiboak» izatea eta egoiliarren «egoera psikoafektiboa» nabarmen okertu izana. Manuel Auzak hiru baldintza horietatik bi betetzen zituenez, bisita bat egiteko aukera eman zioten.
«Arraroa izan zen», laburbildu du semeak. Sorgortuta aurkitu zuen aita, gurpil aulkian: «Begirada galdua zuen, ez zuen ezer erraten... Ordura arte, nirekin beti solastatzen zen euskaraz. Barra-barra aritzen ginen. Eta orain bakarrik erraten du baietz edo ezetz. 'Zer moduz zaude?', galdetzen nion, eta gauza bakarra errepikatzen zidan: 'Nekatuta'». Bigarren itxialdiaren ostean, bisitak berriz baimendu dituzte, baina Auzak argi du aita «galtzeko bidean» duela. «Gure aita hiltzen ari da pixkanaka: ez birusarengatik, bakartzearengatik baizik».
Hala ere, ez da kexu Vergel egoitzan jasotako tratuaz: «Harremana dut langileekin, eta eurek kontatzen didate nola dagoen aita. Oro har, egoitza honetan bertze batzuetan baino hobeto daudela uste dut. Egoiliarrak talde txikitan banatuta dauzkate, eta tratua gertukoa da».
Izan ere, zahar etxeen arazoa «orokorra» dela uste du, ez egoitza jakin batekoa. Horregatik batu da Zainduz Nafarroako zahar etxeetako egoiliarren senideen elkartera: «COVID-19ak dena irentsi du, baina arazo hau izurriaz harago doa. Hainbat zahar etxetan, egoera oso txarra da lehendik. Baliabideak handitu behar dira, eta ratioak murriztu. Nafarroako Gobernuari hainbat aldarrikapen egin dizkiogu, baina, funtsean, beste zaintza eredu bat nahi dugu».
Saioa Elosegi. Medikua
Lehen olatuan ez zen kasurik izan Errenteriako Jesusen Bihotzaren egoitzan; bigarrenean, sartu da birusa. Elosegi ez da «bakarrik» sentitu bidean, baina lan «bakartia» duela aitortu du.
Saioa Elosegi Urangak (Hondarribia, Gipuzkoa, 1972) hamazazpi urte daramatza mediku Errenteriako Jesusen Bihotzaren egoitzan (Gipuzkoa). Berebiziko indarrez oroitzen ditu hilabeteok. «Aurrena izan zen beldurra, ezjakintasunak eraginikoa: ez genekien zer zegoen, zer egin. Ez genuen kasurik izan, baina oroitzen dut beldurra, eta estresa: lorik egin ezina». Egoitzako mediku bakarra da: «Lan bakartia da». Ehundu egin behar izan zuten arloko medikuek, beren kabuz, sare bat, elkarren berri izateko, elkarren abaro izateko: «Niri, adibidez, protokolo asko ez zitzaizkidan iritsi Osakidetzatik, baizik eta beste lagunen bidez. Gero, erietxera-eta deitu behar izan dudanetan, arazorik gabe; osasun zentroan ere bai: 'Zer behar duzu?'. Alde horretatik, ez naiz bakarrik sentitu». Irailean sartu zitzaien lehen aldiz birusa etxean: «Berriz beldurra, eta arduraren zama. Nola egingo dut?».
Prebentzio neurri zorrotzak hartu behar izan dituzte egoitzetan COVID-19 kasuak saihesteko, eta horrek, kasu askotan, egoiliarren bizitzak gainerako herritar askorenak baino zedarri estuagoetara eraman dituela aitortu du Elosegik: «Hemen kolektiboak indarra hartzen du norbanakoaren gainean, eta neurriak mugatuagoak dira». Neurri zorrotz horien ondorioak maiz ikusten ditu: «Osasun emozionalean, funtzionalean eta kognitiboan». Egoiliarrak senitartekoen bisitarik gabe egon dira maiz, edo horiek oso murriztuta: «Eta batzuek ez dute ulertzen: 'Zergatik ez datoz?'. Langileok hor saiatu behar izan dugu familiaren goxotasuna ematen, ahal izan dugun neurrian. Familientzat oso gogorra izan da. Esan izan digute: 'Agian amaren azken negua izango da; ez nago harekin'. Oso gogorra da hori».
Martxotik hona lantaldea asko «trinkotu» dutela esan du: «Askotan ateratzen nintzen lanetik nekatuta, gehiago ezin nuela, baina lantaldeaz harro. Hori izan da parte positiboa; harro egoteko erako taldea egin dugu». Miresmenez ari da: «Jendea hemen uzten ari da arima, larrua eta dena; ahal zena eta gehiago egin dugu». Eta eskuak falta izan dira lanerako? «Une batzuetan, bai». Asteon bi greba egun deituta daude sektorean; ulertzen du zergatia, eta bere egiten du aldarria. «Nahi nuke hau dena ez ahaztea, oso sektore prekarioa baita; oso gaizki pagatuta dago maiz». Hura bezala egoitzetan dauden medikuek-eta ere, adibidez, Osakidetzakoek baino soldata apalagoak dituzte. Trebakuntza ona ere usu ez dago bermatuta: «Osakidetzan ez zaituzte hartzen espezialitaterik gabe; hemen, ez da horrelakorik eskatzen». Lantaldeen prestaketa ona, hein batean, «bokazioak» bermatzen duela esan du, eta «heterogeneoa» izaten dela arta: «Guk, adibidez, osasun talde indartsua dugu, baina geuk egin dugulako».
Joseba Ilarramendi. Zuzendaria
Ahalik eta muga urrieneko bizilekuak izateko atonduak ditu Zestoako San Juan fundazioak bere baliabideak; Ilarramendik azaldu du nekea izan dela atzera egitea, baina ezinbestekoa.
«Luze doa». Zestoako San Juan fundazioaren ardurapeko adinekoentzako baliabideen zuzendaria da Joseba Ilarramendi, eta COVID-19ak ekarritako nekeen «zama» gero eta handiagoa dela esan du: «Orain garbiago dago nola jokatu, zer protokolori jarraitu, baina, aldi berean, taldearentzat zama handia da. Ondo ari gara, baina psikologikoki karga hori nabarmenduko nuke». Adinekoentzako egoitza, eguneko zentroa eta etxebizitza babestuak dituzte. Hormarik gabeko etxe bat izatea da haien jomuga: «Hain zuzen ere, eguneroko martxan, eguneko zentrokoak egoitzara joan izan ohi dira, etxebizitzatakoak jaitsi izan dira behera, etxe inguru dena batera konpartitzen dugu... Izan ere, gure azken urteotako estrategia izan da muga horiek haustea eta erabiltzaile bakoitzari behar dituen zerbitzuak ematea; beren etxean daude, eta gu zerbitzu bat ematera gatoz».
Pandemiak eragotzi egin die jarduteko era hori: «Orain mugak sortu behar izan ditugu; dena sektoreka banatuta dago, eta erabat mugatuta egin behar dugu lan: toki bateko eta besteko erabiltzaileak ezin dira nahastu, langileak ezin dira nahastu...». Kanpoko bisitei begira, antzera: «Lehen sartzen ziren aterik jo gabe, nahi zutenetan, nahi zuten tokitik...». Orain, ezin: «Ordu jakin batzuetan etorri behar dute, denbora jakin batean». Pena hori dute: «Gure filosofiari begira, aldaketa handia izan da». Beharrezkotzat dauzka, hala ere, neurriak: «Zorroztasuna ezinbestekoa zen; bestela, gero gogorra da: sartzen den tokian, izugarria da».
Mugak ezarrita daude. «Orain dagokigu horien barruan ahalik eta zerbitzurik onena ematea. Ahalegin horretan gabiltza». Eta lortzen dutela adierazi nahi du, hedabideetan zabaldu diren hainbat mezuk arduratuta: «Zaharrak ondo daude, hori ere nabarmendu nahi nuke: ondo zainduta daude». Baina langileek, horretarako, «esfortzu» handia egin behar izan dute. Hasieran, beldurraren beldurrez, «itxialdi» bat egin zuten langileek egoiliarrekin, hilabetekoa. «Pixkanaka joan gara neurriak egokituz, ahalik eta modu seguruenean».
Ez dira bakarrik sentitu: «Babesa, protokolo mailan, teknikarien partetik-eta izan dugu». Osakidetzako medikuek artatzen dituzte egoiliarrak; haiekin ere ondo moldatu dira. «Baina agerian geratu dira sektore honen gabeziak; lehendik ere arazo asko daude; hor daude grebak, lan itunik gabe daude langileak... Eta egoera horretan langileok izan dugun jarrera nabarmentzekoa da. Langileen konpromiso maila izugarria izan da». Horregatik, zurrunbilotik aterata, «maila politikoan» sektorea «duintzera» egin behar dela uste du. Eta egoitzek egindako lana baloratu egin behar dela. «Baliabide pila bat jartzen ari gara, lan egiteko era askoz ere zorrotzagoa dugu, eta ordainetan ez dugu ezer jaso». Arrangura hori du: «Egoitzoi ez digute egin galdera hau: 'Zer behar duzue?'. Gertutasun horren falta sentitu dut nik».
Maddi Zubeldia. Senitartekoa
Urruñako zahar etxean dauka 90 urteko ama Zubeldiak. Pandemiaren harira hartutako neurriak lehen lerrotik bizi izan ditu: haren gogoetak eta bizipenak kontatu ditu.
90 urte ditu Maddi Zubeldiaren amak. Duela bost urte sartu zen Urruñako (Lapurdi) zahar etxera. Egoera zaildu egin du pandemiak: egoiliarrek ez ezik, senideek ere egoera latzak pairatu behar izan dituzte azken hamar hilabeteotan. Martxoan ezarritako konfinamenduan, bisitak guztiz debekatu zituzten egoitza guztietan, eta «luzaz» ezin izan zuen ama ikusi Zubeldiak. Maiatzean, bisitak baimendu zituzten Ipar Euskal Herrian, baldintza zorrotzekin.
«Martxoko konfinamendua zelarik, egoiliarrak euren geletan itxita egon dira. Familiaren harremana moztua izatea gauza bat da, baina bertako kideekin ere moztua izan da; ez zuten sozializatzeko batere aukerarik. Dena gelan egiten zuten, eta horrek denbora luzea iraun zuen». Zubeldiaren amak alzheimerra dauka; eta harremanak eten behar izanak ondorioak izan ditu harengan: «Gogorragoa da burua ongi duenarentzat, iduriz. Baina konbentzitua naiz hala ere atzeraka egiten dutela zaharrek, afektiboki harremana moztua delako, eta giroa sentitzen dutelako».
Deskonfinamendua etorri zenean, bisitak berriz baimendu zituzten, baina orduan ere, harreman fisikoa ezinezkoa zen, segurtasun neurrien ondorioz. Urrian, berriro ere konfinamendua ezarri zuen Frantziako Gobernuak, baina zahar etxeetako bisitak baimentzea erabaki zuen, egoiliarren bakartzea saihesteko. «Egoiliar bakoitzarengana pertsona bat baizik ezin da joan batera, eta ordua hartu behar da aurretik», Zubeldiak azaldu duenez.
Egoera, ordea, latza da oraino. Zubeldia: «Familiar gisa, baduzu kulpabilitate bat ama aparkatua duzulako han, nahiz eta argi izan ezin duzula etxean izan alzheimerra duelako. Gainera, ikustera joatea zaila da. Konposatzen dugu horrekin». Frustrazioa aipatzen du Zubeldiak: «Zorionez, amak animoa atxikitzen du; alaitasuna ez du galtzen. Elkar ikusten dugularik, kantuz ari gara, baina ezin dugu estimulatu nahi bezainbat». Estimuluak, ordea, beharrezkoak ditu Zubeldiaren amak, eta bigarren konfinamenduak ere, malguagoa izanik ere, eragina duela dio. «Afektiboki berriz ere beste kolpe bat da haientzat, eta guretzat ere ez da goxo».
Pentsatzen du gaitzaz babestu nahian osasun mentala baztertu dutela agintariek. «Ez naiz inor esateko zer egin behar den, baina harremana eta osasun mentala zaindu behar dira. Ari gara kosta ahala kosta jendea iraunarazten baina osasun mentalaz arduratu gabe», deitoratu du. «Dudarik gabe, babestu behar dira. Baina zer da egiazko babesa? Haiei ez zaie galdetu. Denak ari gara mintzatzen, baina zaharrei beraiei ez zaie galdetzen». Eta galdetu du: «90 urtetik gorakoek eritasunaren beldurra dutela? Baina horrela bizi behar izatearena?».
|
2020-12-8
|
https://www.berria.eus/albisteak/190849/hasi-da-txertaketa-kanpaina-erresuma-batuan.htm
|
Gizartea
|
Hasi da txertaketa kanpaina Erresuma Batuan
|
90 urteko emakume bat izan da lehena koronabirusaren aurkako kanpainako txertoa jasotzen.15.000 pertsonarekin probatu dute aurretik. Abenduaren amaierarako lau milioi pertsona txertatzea espero dute.
|
Hasi da txertaketa kanpaina Erresuma Batuan. 90 urteko emakume bat izan da lehena koronabirusaren aurkako kanpainako txertoa jasotzen.15.000 pertsonarekin probatu dute aurretik. Abenduaren amaierarako lau milioi pertsona txertatzea espero dute.
|
Margaret Keenan du izena, eta 90 urte ditu. Erresuma Batuan, gaur hasi dute koronabirusaren aurkako txerto kanpaina. Hilaren amaierarako lau milioi pertsonari jarri nahi diete txertoa, eta Keenan izan da horietako lehena.
Coventryn (Ingalaterra) jarri diote txertoa emakumeari, Euskal Herrian 07:30 zenean. Txertoa «urtebetetzeko opari aurreraturik hoberena» izan dela adierazi du emakumeak. Izan ere, 91 urte beteko ditu datorren astean. Pfizer eta BioNTech konpainien txertoa jarri diote. Aurretik, 15.000 pertsonarekin probatu dute txertoa, eta «segurua eta eraginkorra» dela frogatu dute. Irlandarra da jatorriz emakumea, eta, esan duenez, «pribilegiatua» sentitzen da. «Azkenean espero dezaket familiarekin eta lagunekin egoteko aukera izatea urte berrian, azken honetan gehienetan bakarrik egon ondoren».
Errusian joan zen astean hasi ziren han bertan garaturiko Sputnik txertoa jartzen, baina Pfizer/BioNTechen txertoa erabiltzen lehenengo herrialdea da Erresuma Batua. Txerto hori erosi du Bruselak Europako Batasuneko herrialdeetan erabiltzeko.
|
2020-12-8
|
https://www.berria.eus/albisteak/190850/positibo-gehiago-baina-tasa-apalagoa-hegoaldean.htm
|
Gizartea
|
Positibo gehiago baina tasa apalagoa Hegoaldean
|
Asteburuan baino test gehiago egin dituzte Osakidetzak eta Osasunbideak, eta positibo tasa apaldu egin da: %5,4
|
Positibo gehiago baina tasa apalagoa Hegoaldean. Asteburuan baino test gehiago egin dituzte Osakidetzak eta Osasunbideak, eta positibo tasa apaldu egin da: %5,4
|
Asteburua igarota, aurreko egunetako beheranzko joerara itzuli dira COVID-19aren transmisio datuak. Atzo, PCR eta antigeno proba gehiago egin zituzten Osakidetzak eta Osasunbideak (7.974, bezperan baino 1.674 gehiago) eta horietan, 430 kasu positibo atzeman dituzte (atzo baino 33 gehiago). Askoz test gehiago egitearen ondorioz, positibo tasak nabarmen egin du behera egun batetik bestera: %6,3tik %5,4ra.
Arabak, Bizkaiak, Gipuzkoak eta Nafarroak egunak daramatzate OME Osasunaren Mundu Erakundeak ezarritako %5eko langa horretatik hurbil, baina tasa horri hainbat egunez jarraian eutsi ezinik. Zaila da izurria kontrolpean mantentzea, eta ohiko bihurtu dira datu eta ehunekoen gorabeherak.
Datuak herrialdeka aztertuta, Nafarroak erregistratu du beheranzko joera nabarmenena: 61 kasu positibo atzeman dituzte gaur, aurreko egunean baino 21 gutxiago. Nafarroako Osasun Publikoko Institutuak jakinarazi duenez, gainera, 1.358 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo, eta, horren ondorioz, positibo tasa %4,5era murriztu da herrialdean. Araban 81 positibo atzeman ditu Osakidetzak; Bizkaian, 140; eta Gipuzkoan, 145.
|
2020-12-8
|
https://www.berria.eus/albisteak/190851/osakidetzak-ez-ditu-kontuan-hartu-antigenoen-positiboak-ospitaleratuen-datuak-emateko-orduan.htm
|
Gizartea
|
Osakidetzak ez ditu kontuan hartu antigenoen positiboak ospitaleratuen datuak emateko orduan
|
Osasun sistemak zuzendu egin ditu azaroaren 24tik aurrerako datuak, baina ez lehenagokoak. Desfaseak %20 bat gutxitu ditu zenbakiak.
|
Osakidetzak ez ditu kontuan hartu antigenoen positiboak ospitaleratuen datuak emateko orduan. Osasun sistemak zuzendu egin ditu azaroaren 24tik aurrerako datuak, baina ez lehenagokoak. Desfaseak %20 bat gutxitu ditu zenbakiak.
|
Osakidetzak gaur ohar batean adierazi duenez, aldatu egin du azken asteotan koronabirusak jota erietxeetan solairuan zeuden gaixoen kopurua zenbatzeko irizpidea. Erabakiak agerian utzi du osasun sistemako arduradunek azaroaren 24ra arte ez dituztela zenbatu antigeno proban positibo emandakoak, solairuan zenbat pertsona zeuden jakinarazteko orduan. Bakarrik PCR testarekin diagnostikatuen berri eman dute. Desfaseak %20 bat gutxitu ditu zenbakiak.
Orain, zuzenketa egin eta azaroaren 24tik aurrerako datuetan horiek ere kontuan hartu dituztela esan dute gaur; hala egingo dute aurrerantzean ere. Izurriaren eboluzioa ikusteko grafikoetan aldaketa handia eragingo du erabakiak. Esaterako, azaroaren 24an, bertan, 120 gaixo gutxiago zenbatu zituzten gaur arte emandako datuetan. Ospitaleratzeen kopuruetan ere distortsio handia eragin du zenbatzeko sistemak: egun berean, 77 pertsona sartu zituzten erietxeetan, PCR edo proba serologikoan positibo emanda, baina datu ofizialetan, bakarrik 53 zenbatu zituzten. Errealitatearen eta Osakidetzaren egun bateko datuen arteko desfaserik handiena 127 pertsonakoa izan da. Zainketa Intentsiboko Unitateetan sarturiko gaixoen kopuruetan ez da desfaserik egon.
Hala azaldu du Osakidetzak: «Antigeno testen sarreraren ondorioz ospitaleratzeen zenbaketa egiteko irizpideetan aldaketak egitea erabaki da. Irizpide berriak erabiliz zuzendu dira datuak azaroaren 24tik aurrera».
|
2020-12-9
|
https://www.berria.eus/albisteak/190852/laquosortzeko-dauzkagu-lanik-ederrenakraquo.htm
|
Kultura
|
«Sortzeko dauzkagu lanik ederrenak»
|
Mursegok, Antton Telleriak, Amancay Gaztañagak eta Miren Amurizak Taupadaz taupaDA ikuskizun berezia eman dute eguerdian Landakon.
|
«Sortzeko dauzkagu lanik ederrenak». Mursegok, Antton Telleriak, Amancay Gaztañagak eta Miren Amurizak Taupadaz taupaDA ikuskizun berezia eman dute eguerdian Landakon.
|
Azken eguna du gaurkoa Durangoko 55. Azokak, eta, Internet bidezko eskariak prestatzeko lanak etenik gabe segitzen duen bitartean, egitaraua aurrera doa. Gaur eguerdian eman dute Landakon, esaterako, Taupadaz taupaDA ekitaldi berezia. Mursego musikariak egin ditu bertan parte hartu dutenen hari musikal-narratibo lanak. Berak egin dio introa Antton Telleriari, hasteko, «une batez, gelditu zitzaigun bihotza, eta une batez gelditu ginen itsu, mutu, gor» kantatuz, txeloa eta loop-a lagun zituela.
Telleria oholtzara igo denean, atzeko pantailan irakur zitekeen: «Une batez, gelditu egin zitzaigun bihotza. Une batez. Gelditu. Itsu. Mutu. Gor». Testuinguru horretan umorea egitea zaila baina beharrezkoa dela esan du. «Harrigarria da euskaldunok honelako ekitaldiak antolatzen ditugunean ze joera dugun epikarako, sakoneko sentimenduak azaleratzeko eta hunkitzeko, zenbat gustatzen zaigun oilo ipurdia. Ez dakit zein neurritaraino den hori osasuntsua».
Telleriak bere monologoa bukatu duenean, Mursegoren txelo doinuek bete dute berriro Landako. Ikara hitzak ere bai. Eta Amancay Gaztañaga agertu da oholtzan, haurdunaldiko azken asteetan dagoen emakumearen tripa soinean, erditu nahian indarka. Barrukoak irten nahi ez, baina. «Hemen daukat, prest, baina ez du irten nahi». Ez hori bakarrik. «Denbora da ez dudala sentitzen». Pandemia garaiko itxialdiak sortutako ikaragatik omen; gehiago ez kantatzeko, ez ikusteko, ez entzuteko, ez sentitzeko, ez idazteko, ez irakurtzeko betarik uzten ez zuen beldurragatik. «Eta orduan sartu zitzaidan ikara, zabal-zabal». Itxialditik ere, ikaraz tindaturik atera omen zen. «Eta ordutik, hemen barruan dagoena, gaur zuei erakutsi nahi nizuena, geratu egin zitzaidan».
Sortzaileei langile estatusa ere ez onartzea sinesgaitza dela nabarmendu du Gaztañagak. «Gu isiltzea gauza erraza da, eta merkea. Gu ez gara langileak ere, ez gara ezer». Hala gelditu zaio barruan duen sormen alea, bada, ikarak izoztuta, irten nahi ezta. «Eta pena bat da, altxor bat zelako, baina dagoeneko ez dut sentitzen bere taupada».
Buztinezko taupadak
Mursego berriro ere, taupada hotsak aireratuz. Tau. Tau. Tau-pa. Tau-pa. Tau-pa-da. Tau-pa-da.. Eta berrogeita hamabost taupada zenbatu ditu, Durangoko Azokaren aldi bakoitzeko bat. Ikusleen txaloak. Eta Miren Amurizaren txanda oholtzan, makila eskuan eskean dabiltzan koplarien iruditik abiatutako collagea proposatuz. Collage horretan, baso bat liburu eta musika tresna, orbela, eta azkonar bat, basoan zer suma. Eta etxe txiki bat den buztinezko bihotza, taupaka. Laboaren oihartzunak eta antzinako bertsolariaren hitzak: «Anai-arrebak entzun ene abotsa, izaite bat eztaike hezur hutsez osa. Herria da gorputza..». Eta Amuriza galdezka: «Zenbat urte ditu gorputza esanda irudikatzen duzunak, zenbat kilo, zenbat ile, zenbat zango, zenbat orban...?». Bertsolariaren grabazio zaharra berriz: «Herria da gorputza, hizkuntza bihotza». Maitasun hitz aspaldikoak segidan. «Taupada zentenario bat, aldian-aldian berritzen dena». Gauaren bila dabiltzan sortzaileen ibilerak aletu ditu Amurizak, «sormena da bide bakarra!» oihu artean.
Altxatu da Mursego, hartu du makila, Amurizak ere bai, eta hasi dira koplaka. «Batuko ditugu limoiak, txermenak eta kume denak, sortzeko dauzkagu lanik ederrenak».
Amaitzeko, Mursegoren kantu bat, Amurizak, Gaztañagak eta berak «sormenari buruz» duten ikuspegia azaltzeko, Maurizia Aldeiturriaga inbokatuz; estralurtar sentituz; Talking Heads taldearen kantako psycho killer bihurtuz; tentsioa, plazera zein ezina sentituz. Bukatzeko, oholtzan denak igo eta elkarrekin kantatu dute: «Hauxe da despedidea, luza dezagun bidea» .
|
2020-12-8
|
https://www.berria.eus/albisteak/190853/bihar-arratsean-batuko-dira-von-der-leyen-eta-johnson.htm
|
Ekonomia
|
Bihar arratsean batuko dira Von der Leyen eta Johnson
|
Brexit osteko merkataritza akordio bat lortzeko azken aukeretako bat da. Keinu gisa, Ipar Irlandari buruz hitzartutakoa hausteko aukera baztertu du Londresko gobernuak
|
Bihar arratsean batuko dira Von der Leyen eta Johnson. Brexit osteko merkataritza akordio bat lortzeko azken aukeretako bat da. Keinu gisa, Ipar Irlandari buruz hitzartutakoa hausteko aukera baztertu du Londresko gobernuak
|
Londrestik Bruselara. Oso ezaguna duen bidaia egingo du bihar Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak. Daily Telegraph egunkari kontserbadoreko Bruselako berriemaile lanetan aritzeko egin zuen bidaia duela 30 urte, baina, oraingoan, zeregin historiko batekin doa Belgikako hiriburura: afari baten bueltan erabaki behar du brexit ostea akordioarekin edo akordiorik gabekoa ote den. Neurri batean, berak bultzatutako bide bat amaitzeko bidaia izango da, Johnsonen informazioek —gezurrez betetakoak, horietako asko— elikatu baitzuten britainiar askoren mesfidantza EBrekiko, eta gero Johnsonek berak hartu baitzuen Erresuma Batua batasunetik ateratzeko kanpainaren gidaritza.
Zertara dator bilera?
Astelehenean mintzatu ziren telefonoz Johnson eta Ursula von der Leyen Europako Batzordeko lehendakaria. Hainbat hilabetetako negoziazioen ondoren bi aldeetako talde negoziatzaileek desadostasunak gainditzerik ez zutenez, hitzartu zuten arduradun politikoen ordua zela azken saiakera bat egiteko. Aurrez aurreko bilera bat izango da, Bruselan, aurrekoa Londresen izan baitzen. EBren aldetik Von der Leyeni dagokio lan hori, merkataritza harremana baitago jokoan, eta hori negoziatzea Europako Batzordearen zeregina baita. Johnson saiatu da Angela Merkelekin eta Emmanuel Macronekin tratu bat lortzen, baina horiek biek Von der Leyenen aldeko apustua egin dute.
Gaur arratsean argitu dutenez, bilera bihar izango da, afaritan. Luzatuko balitz, ostegun goiza ere izango lukete hitz egiteko. Akordioa egongo balitz, berresteko aukera izango lukete ondoren EBko buruek, bihar eta etzi goi bilera baitute Bruselan bertan.
Azken aukera al da?
Bai eta ez. 2021. urtea hasten den unean bertan aterako da Erresuma Batua Europako Batasuneko merkatu bakarretik, eta hura ordezkatuko duen harremana finkatu behar dute orain. Hau da, zer traba izango duten bi aldeetako produktuek eta zerbitzuek beste aldera igarotzeko. Akordioa izanez gero, bi aldeetako parlamentuek denbora beharko dute hura berresteko. Hori bai, epe hori aste batzuetakoa zen lehen —itzulpenak egiteko, prozedura guztiak betetzeko...—, baina, data gerturatu ahala, egun gutxi batzuetan konpon daitekeen gaia dela diote orain.
Gainera, beti dago beste aukera bat: 2021ean negoziatzen jarraitzea. Azken egunotan EBko herrialde batzuek nabarmendu dute garrantzitsuagoa dela akordio bat lortzea urtea bukatu aurretik egitea baino. Antzera mintzatu zen atzo Michel Barnier EBko negoziatzailea ere: «Ez dugu gure etorkizuna baldintzatuko oraina salbatzeko. Gure merkatuaren sarrera nahi duenak baldintza batzuk bete behar ditu».
Aukera horren arazoa da akordio posible hori lortu bitartean muga zergak ezarri beharko liratekeela eta merkantzien joan-etorria kontrolatu, eta horrek kostu ekonomiko eta logistiko handiak ekar diezazkieketela inportatzaileei eta esportatzaileei. Neurri horiei izkin egiteko irtenbide bat izango litzateke, hain zuzen, orain indarrean dagoen trantsizio epea luzatzea. Halakorik ez duela egingo eta 2021ean ez duela negoziatuko esan du Londresek, baina ikusteko dago jarrera hori noraino den irmoa, berak baitu galtzeko gehien akordiorik gabeko brexit batekin.
Posible da akordioa?
Bai, «baina ez da erraza», Johnsonek berak gaur aitortu duenez. Erresuma Batuko gobernuburuak espero du zerbait lortu ahal izango duela Von der Leyenekin izango duen bileran, eta horrekin justifikatu ahal izango duela akordio bat sinatzea Europako Batasunarekin. Kalkulu hori betetzea espero dute Erresuma Batuko eragile ekonomiko gehienek, akordiorik gabeko brexit-ak kalte ekonomiko handia eragingo duen beldur baitira. Johnsonek ezer lortzen ez badu, ordea, aukera horrek indar handia hartuko du. EBk, bere aldetik, Londresengan jarri du akordioa lortzeko ardur: «Londresen borondate politikoa behar dugu».
Zeintzuk dira desadostasunak?
Betiko hirurak: arrantza, araudien antzekotasuna eta gatazkak konpontzeko tresnak. Arrantzari dagokionez, EBk onartu du dagoeneko ez duela sarbide librerik izango Ingalaterrako eta Eskoziako arrantza toki aberatsetan, eta kuota batzuekin moldatu beharko duela. Ahalik eta kuotarik handiena lortzeko borrokan ari da, baina, batez ere kostaldetik gertuen dauden uretan sartu nahian dabil, sei eta hamabi itsas milia artekoetan; Erresuma Batuak bere ontzientzat nahi ditu.
Araudiari dagokionez, EBk argi dauka: Erresuma Batuak merkatu bakarrerako sarbidea nahi badu, lanari, ingurumenari eta diru laguntza publikoei buruzko araudia errespetatu beharko du, edo antzeko araudia izan. Horrekin eragotzi nahi du bere auzo batek arauak malgutu eta merkeago ekoitziz lehia desleiala egitea. Lan eta ingurumen kontuetan araudia aldatzeko asmorik ez duela ziurtatu du Johnsonek, baina laguntza publikoetan zalantza gehiago ditu.
Beste eztabaidagai bat da zer egin behar duten gatazkak dituztenean. Negoziazioaren hasieran, Bruselak nahi zuen Europako Justizia Auzitegiak izatea azken hitza, baina, Londresen ezezko borobila ikusita, orain ontzat hartu du bere enpresek Erresuma Batuko auzitegietara jotzea. Aldi berean, EBk tresnak nahi ditu bere merkatua tarifekin bizkor babesteko, baldin eta ikusten badu Londresek ez duela hitzartutakoa betetzen. Londres kexu da EBk ez dizkiola baldintza horiek jartzen beste bazkideei, eta horrela behartuta dagoela arau kontuetan EBren atzetik joatera. Gainontzeko bazkide handiak urrutiago dituela da Bruselaren erantzuna.
Zer gertatzen da Ipar Irlandarekin?
Dibortziorako akordioak finkatu zuen ez zela inondik ere muga fisikorik izango Hego eta Ipar Irlandaren artean, hori egiteak Ostiral Santuko bake prozesua arriskuan jarriko bailuke. Praktikan, horrek dakar Irlanda ipar ekialdeko sei konderriek merkatu bakarrean jarraituko dutela, eta, merkataritza librerako akordiorik ezean, muga bat jarri beharko litzaiekeela salgaiei Ipar Irlandaren eta Ingalaterraren, Eskoziaren eta Galesen artean. Johnsonen gobernuak akordio hori hausteko ate bat ireki zuen, Barne Merkatuko legegaiaren bitartez. EB sutan jarri zuen lege horrek, eta Erresuma Batuan bertan ere iskanbila sortu zuen, gobernuak argi eta garbi esan baitzuen prest zegoela sinatutako zerbait ez betetzeko.
Azkenean, ordea, ez da ezer gertatuko. Michael Gove Erresuma Batuko Kabineteko ministroak eta Maros Sefkovic Europako Batzordeko lehendakariordeak akordio bat iragarri dute gaur, eta, horren ondorioz, legearen puntu eztabaidatuenak kendu egingo ditu Londresek. Bruselako bidaiaren aurretik borondate keinu gisa saldu du Londresek.
|
2020-12-9
|
https://www.berria.eus/albisteak/190854/ezkurdia-martijak-aise-irabazi-dute-binakako-txapela.htm
|
Kirola
|
Ezkurdia-Martijak aise irabazi dute binakako txapela
|
Aspeko bikoteak 22-13 hartu ditu mendean Olaizola II.a-Urrutikoetxea, Bilbon jokatutako finalean. Ezkurdiak erakustaldia eman du.
|
Ezkurdia-Martijak aise irabazi dute binakako txapela. Aspeko bikoteak 22-13 hartu ditu mendean Olaizola II.a-Urrutikoetxea, Bilbon jokatutako finalean. Ezkurdiak erakustaldia eman du.
|
Pilotaren historian toki berezia izango du gordea 2019ko azaroan hasi eta atzo amaitutako binakakoak. Ez da egon eskuz pilotaren historian txapelketa ezohikoagorik. Ezohikoa izan da inoizko luzeena izan baita: urtebete pasatxokoa; ezohikoena izan da koronabirusaren pandemiak bete-betean harrapatu baitu: ezohikoa izan da eskuz pilota profesionalak bizi izan duen lan gatazkarik handienak eten baitu; eta ezohikoa izan da osasun egoerak eraginda, ikuslerik gabe jokatu den binakakoaren aurreneko finala izan baita.
Horrekin guztiarekin batera bi izen ageriko dira letra larriz idatziak: Joseba Ezkurdiarena eta Julen Martijarena. Haiek irabazi dute inoizko txapelketarik ezohikoena, Bilbon, Bizkaia pilotalekuan jokatutako finalean Aimar Olaizola eta Mikel Urrutikoetxea 22-13 mendean hartuta. Partida ederra egin du Aspeko bikoteak, eta nagusitasun eta merezimendu osoz jantzi du txapela.
Ezkurdiak bigarren txapela du binakakoan, duela bi urte txapeldun izan baitzen Jose Javier Zabaletarekin. Lepo bete zen orduan Miribilla. Gaur, ordea, ikusle gutxi batzuk baino ez dira izan harmailetan. Baina txapelak berdin-berdin balio du, izugarri. Arbizuko (Nafarroa) aurrelariak bolada onari eutsiko dio, maila nagusian jokatu dituen lau finaletan nagusitu baita: binakako bi txapelez gain, lau eta erdikoa ere irabazi du azken bi urteetan. Gaur ere erakustaldia eman du. Harentzat berezia baldin bada txapela, zer esanik ez Martijarentzat. Etxeberriko (Nafarroa) atzelariak lehenbiziko txapela du maila nagusian. 23 urterekin, eta estreinako finalean lortu du. Ikusgarri arituta, gainera. Meritu galanta du.
Abiadura eta segurtasuna
Ezkurdia-Martijak berriz ere utzi dute agerian ez daudela bi partida berdin, are gutxiago horietako bat final bat baldin bada. Olaizola II.a-Urrutikoetxeak neurria hartua zieten azkenaldian: irabazi egin zizkieten azken bi neurketak, erraz, gainera. Gaur, ordea, Aspeko bikotea goitik behera nagusitu zaio Baikokoari, eta ez dio aukera txikiena eman.
Ez zen espero halako nagusitasunik norgehiagoka nola hasi den ikusita. Olaizola II.ak ziztu bizian egin du lehen tantoa. Bigarrena ere Baikokoen aldekoa izan da, piloteo oso luzea jokatu ostean. Hirugarrena, berriz, Martijak eginiko huts baten ondorio izan da. Ezin hobeto zihoakien dena Olaizola II.a-Urrutikoetxeari.
Baina Ezkurdia pilotari abiadura ematen hasi da, eta aurkarien hutsak behartzen. Halaxe, aurkarien hutsak aprobetxatuta berdindu dute Aspekoek partida, hiruna. Orduan hasi da benetako partida, espero zena, oso gogorra. Eta lehia horretan inor ez da nagusitu hasiera batean. Nor baino nor gehiago aritu dira zenbait minutuz: launa, bosna, sei eta zazpina berdindu dute.
Baina neurketak aurrera egin ahala, Aspekoak nagusitzen hasi dira. Olaizola II.a apenas sartzen zen jokoan, eta Urrutikoetxea larri zebilen aurkarien pilotakadei nola edo hala erantzuten. Orduan etorri da Ezkurdia-Martijaren kolpe erabakigarria. Erauntsia izan da Ezkurdia kantxan. Mota guztietako tantoak egiten hasi da. Airean ibili ditu aurkariak. Konturatu orduko, bederatzi tanto kateatu dituzte Aspekoek, neurketa erabat hautsi, eta garaipena bideratuta utzi (16-7).
Olaizola II.a azaldu da orduan, baina berandu zen jada. Hain zuzen, Goizuetakoak (Nafarroa) susto galanta izan du, 18-10 zirela Martijak pilotakada bat eman baitio buruan. Zorionez, jokatzen jarraitu du. 19-13 gerturatu dira, baina Ezkurdiak eten egin du susperraldi txiki hori. Olaizola II.ak egindako huts batekin amaitu da partida.
Pozarren ziren irabazleak finala amaitu berritan. «Etxetik lanak eginda ekarri ditugu, eta gauzatu egin ditugu. Batetik bestera mugiarazi nahi genituen, eta lortu dugu. Laugarren finala eta laugarren txapela. Oso pozik nago. Oso gustura ari naiz finaletan. Hemen egon ezin izan diren pilotazaleei eskaini nahi diet txapela», Ezkurdiak. «Emaitzak dioena baino partida gogorragoa izan da. Baina Josebak asko jokatu du. Niri kostatu zait hasieran, baina gero, gustura aritu naiz. Oso pozik nago. Familiari eta neska-lagunari eskaini nahi diet txapela», Martijak.
Burumakur ziren, berriz, galtzaileak. «Bagenekien partida gogorra izango zela, eta gogor borrokatu gara, baina gu baino gehiago izan dira, eta partida osoagoa jokatu dute. Merezimendu osoz irabazi dute txapela», esan du Urrutikoetxeak. Olaizola II.ak, ordea, ez du adierazpenik egin. Neurketa amaitu bezain laster joan da medikuarenera, hartutako kolpea azter diezaioten.
|
2020-12-9
|
https://www.berria.eus/albisteak/190878/basaksehireko-eta-psgko-jokalariek-zelaia-utzi-dute-epaile-baten-laquoirain-arrazistakraquo-salatzeko.htm
|
Kirola
|
Basaksehireko eta PSGko jokalariek zelaia utzi dute, epaile baten «irain arrazistak» salatzeko
|
Bart jokatu zuten Txapeldunen Ligako neurketan izan zen. Bi taldeetako jokalariek 14. minutuan uko egin zioten jokatzeari, eta gaur jokatuko dituzte falta diren minutuak epaile laukote berri batekin. Pierre Webo Osasunako aurrelari ohia da iraina jaso duen Basaksehireko kidea.
|
Basaksehireko eta PSGko jokalariek zelaia utzi dute, epaile baten «irain arrazistak» salatzeko. Bart jokatu zuten Txapeldunen Ligako neurketan izan zen. Bi taldeetako jokalariek 14. minutuan uko egin zioten jokatzeari, eta gaur jokatuko dituzte falta diren minutuak epaile laukote berri batekin. Pierre Webo Osasunako aurrelari ohia da iraina jaso duen Basaksehireko kidea.
|
Negru. Hala deitzen zaie pertsona beltzei Errumanian, eta hala deitu zion atzo PSG-Basaksehir Txapeldunen Ligako neurketako laugarren epaileak Pierre Webori; kamerundarra, hainbat urtez Osasunako aurrelari izandakoa, Istanbuleko Basaksehireko talde teknikoko kidea da orain. Protesta egiteko, bi taldeetako jokalariek zelaia utzi zuten 23. minutuan, eta bertan behera geratu zen neurketa. Hainbat orduz negoziatzen jardun eta gero, UEFAk gaur goizean jakinarazi du gaur arratsaldeko 18:55etan berrekingo diotela lehiari, beste epaile laukote batekin.
Gertakaria 14. minutuan izan zen. Une hartan, epaileak Webori txartel gorria erakutsi zion, bere erabaki bat modu desegokian protestatzeagatik. Basaksehireko kidea, ordea, laugarren epaileak iraindu egin zuelako ari zen kexatzen. «Kanporatu beltza», esan zion errumaniarrez Sebastian Coltescu laugarren epaileak epaile nagusiari, Ovidiu Hategani.
Orduan, haserretu, eta behin eta berriz errepikatu zion Webok Coltescuri: «Zergatik deitu didazu negru?». Laugarren epaileak azaldu zion euren hizkuntzan ez duela esanahi iraingarririk hitz horrek. Hori entzundakoan, ordea, aulkian zen Basaksehireko Demba Ba aurrelaria ere sartu zen eztabaidan.
Hala, hamar minutuz geldirik egon zen norgehiagoka. Bi taldeetako jokalariak hurbildu ziren aulkitxoen gunera, eta hainbatek azalpenak eskatu zituzten; besteak beste, Neymarrek eta Mbappek, PSGko izarrek. Azkenean, jokalariek zelaia uztea erabaki zuten afera argitu bitartean.
Sareetan arrazakeriaren aurkako mezuak zabaldu dituzte bi taldeek, baita neurketa jokatu zuten jokalariek ere. Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak ere idatzi du: «Pierre Weboren aurka egindako irain arrazistak gaitzetsi nahi ditut, eta espero dut UEFAk beharrezko neurriak hartuko dituela».
|
2020-12-9
|
https://www.berria.eus/albisteak/190879/cafek-500-milioi-euroko-eskaera-bat-jaso-du-myanmarko-batasunaren-errepublikan.htm
|
Ekonomia
|
CAFek 500 milioi euroko eskaera bat jaso du Myanmarko Batasunaren Errepublikan
|
Mitsubishi Corporationek Beasaingo konpainia hautatu du Myanba Railwaysekin bideratuko duen proiektuko 246 unitate diesel-elektriko moderno (DEMU) diseinatzeko eta hornitzeko.
|
CAFek 500 milioi euroko eskaera bat jaso du Myanmarko Batasunaren Errepublikan. Mitsubishi Corporationek Beasaingo konpainia hautatu du Myanba Railwaysekin bideratuko duen proiektuko 246 unitate diesel-elektriko moderno (DEMU) diseinatzeko eta hornitzeko.
|
CAFek 2020ko urte beltza txukuntzen lagunduko dion kontratu handi bat eskuratu du antipodetan. Myanmar Batasunaren Errepublikako Garraio eta Komunikazioen Ministerioak Mitsubishiri esleitu dio kontratu handi bat, eta Japoniako konpainiak CAFena jo du azpikontratatzeko. Kontratuak, alde batetik, sei kotxeko hamaika unitateren hornikuntza jasotzen du, eta Yangoneko trenbide zirkularra hobetzeko proiektura bideratuko dira horiek. Bestalde, beste 30 unitate hornituko ditu Yangon - Mandalay II trenbidea hobetzeko. Bada, CAFekin hitzartutakoaren negozio bolumena 500 milioi euro baino gehiagokoa izango da.
Japoniako eta Myanmarreko gobernuen artean yenetan egindako nazioarteko mailegu baten bidez finantzatuta dago proiektua. Horren estaldurak, trenak hornitzeko zatiaz gain, bi lineetarako azpiegituraren hobekuntza osoa ere estaliko du, lan hauek barne: seinaleztapen-sistemen modernizazioa, bideetako obrak eta geltokien hobekuntza.
Tren berri horien lehen lineak (linea zirkularra) Yagon Myanmarreko hiri komertzial handieneko erdigunea zeharkatzen du, 46 km-ko ibilbide batean. Proiektu berriari esker, linea hori zeharkatzeko behar den denbora 60 minutu gutxituko dute. Bestalde, beste 30 unitateek Yangon-Mandalay linean eskainiko dute zerbitzua. Ibilbide horrek 620 km-ko luzera du, eta Yangon hiria herrialdeko hiriburuarekin lotzen ditu. Toki horietan ere nabarmen gutxituko da bidaia-denbora: 15 ordutatik zortzira.
Azken urteotan, CAFek lankidetza estrategiko estua sendotu du Mitsubishi Corporationekin, arrakasta handia izan duten proiektuak garatzen. Haietako batzuk gaur egun martxan daude; adibidez, Manilakoa (Filipinak) eta Istanbuleko metrokoa (Turkia), baita Australiako Canberra hirian garraio-sistemarena. Kontratu berri honekin, CAF taldeak Asiako kontinentean duen presentzia areagotzea lortu du. Asian proiektu hauek garatu izan ditu gaur arte: metro unitateen hornikuntza Hong Kongerako (Txina), tranbiak Taiwaneko Kaohsiung hirirako eta metro-unitateak New Delhirako (India).
|
2020-12-9
|
https://www.berria.eus/albisteak/190880/neanderthalek-ere-hilak-lurperatzen-zituztela-frogatu-dute.htm
|
Gizartea
|
Neanderthalek ere hilak lurperatzen zituztela frogatu dute
|
Duela 41.000 urte inguru, 2 urteko haur baten gorpua lurperatu zuten, Asier Gomez EHUko eta Aranzadiko ikerlariaren taldeak egindako azterketaren arabera. Datazio zuzenik berriena duen neanderthala da
|
Neanderthalek ere hilak lurperatzen zituztela frogatu dute. Duela 41.000 urte inguru, 2 urteko haur baten gorpua lurperatu zuten, Asier Gomez EHUko eta Aranzadiko ikerlariaren taldeak egindako azterketaren arabera. Datazio zuzenik berriena duen neanderthala da
|
Homo sapiensek ez ezik, neanderthalek ere hildakoak ehorzten zituztela frogatu du ikertzaile talde batek. Zehazki, 2 urteko ume baten eskeletoa aztertu dute, eta ondorioztatu dute duela 40.800 eta 41.700 urte arteko epean lurperatu zutela.
Asier Gomez Olivencia EHU Euskal Herriko Unibertsitateko eta Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea izan da hamalau ikertzaileko taldearen buru, CNRSko eta Parisko Historia Naturalaren Museoko ikertzaile Antoine Balzeaurekin batera. Ikerketaren emaitzak Scientific Reports aldizkarian argitaratu dituzte. Diziplina anitzeko ikerketa bat egin dute duela 50 urte Frantziako Dordoina departamenduko La Ferrassie aztarnategian aurkitutako La Ferrasie 8 izeneko umearen eskeletoarekin. Neanderthalen aztarnategirik famatuenetako bat da La Ferrasie. XX. mende hasieran, sei neanderthal eskeleto aurkitu zituzten: bi helduren hezurdura osoak eta osorik ez zeuden lau umerenak. 1970ean eta 1973an berreskuratu zuten La Ferrassie 8 izeneko umea.
Garai hartan landu gabe utzitako informazioari tiraka egin dute orain aurkikuntza, Gomezek BERRIAri azaldu dionez: «La Ferrassie 8 2 urteko umea aspalditik ezagutzen da. Kontua da ume horren testuinguru arkeologikoa ez zela ezagutzen, eta beti aipatu izan da oso informazio gutxi hartu zela horren indusketan; aldiz, gertatu zena zera da, informazio hori landu gabe zegoela». Eta hori egitea erabaki zuten ikerlariek: «Ume honen fosil gehiago identifikatu, eta indusketa zaharretako informazioa landuz, indusketa berriak eta analisi berriak egin ditugu».
Ikertzaile taldeak radiokarbono bidez ikusi du duela 40.800 eta 41.700 urte arteko epean lurperatu zutela. Horrenbestez, La Ferrasie 8 da datazio zuzenik —zuzenean hezurra aztertzen da noiz hil zen jakiteko— berriena daukan neanderthala.
Baina La Ferrassie 8 al da lurperatu zutela frogatuta geratu den lehen neanderthala? Europan lehenengo aldiz geratu da frogatuta, hainbat irizpide zientifikotan oinarrituta, ume neanderthal bat lurperatu zuela bere taldeak. Ondorio horretara iristeko, diziplinarteko ikerketa bat egin dute, eta informazio arkeologikoa, paleoantropologikoa, geologikoa, tafonomikoa, proteomikoa eta paleogenetikoa erabili dute, baita radiokarbono (C14) eta lumineszentzia datazioak ere. Gomezek uste du beste hezurdura batzuek ere badituztela ebidentziak proposamen bera egiteko, baina oztopo dela duela ehun urte baino gehiago egindako indusketetan ateratako gorpuak izatea. Gomezen hitzak berresten ditu ikerketari buruzko prentsa oharrak ere. Bertan adierazi denez, ondoen mantendutako neanderthalak duela mende bat baino gehiago aurkitu zituzten, eta, garai hartan indusketetarako, erregistratzeko eta analisiak egiteko erabilitako teknikak hain desberdinak izaki, orain «oso konplikatua» da hipotesia baieztatzea egungo estandar eta irizpide zientifikoekin. Hainbat uste oker uxatzeko balio beharko luke ikerketak, Gomezen hitzetan, oraindik hainbat ikertzailek ez baitute sinesten neanderthalek kideak lurperatzen zituztenik: «Amerikar ikerkuntza talde batzuek ez dute sinesten neanderthal batzuek beste neanderthal batzuk hilobiratzen zituztela».
Balio sinbolikoa ezbaian
Ikerketaren bidez erakutsi dute neanderthalek kideak nahita lurperatzen zituztela, baina ez dago argi lurperatzeari balio sinbolikoren bat ematen ote zioten. «Gure interpretazioa da bazegoela kode sinboliko bat, eta hilobiratzerakoan bazegoela sentimendu eta erritual bat», azpimarratu du Gomezek.
Azterketak momentuan duen garrantziaz gain, etorkizunerako ere baliagarria izan daitekeelakoan dago Gomez: «Garrantzia bikoitza dauka». Alde batetik, ikertzailearen irudiko, erakusten du «informazio berri asko» topatzen dela duela 50 urteko aurkikuntzak egungo tresnak erabiliz aztertzen direnean, eta hori bultzatu behar dela: «Behar bat dago aspaldiko aurkikuntzak orain dauzkagun teknikekin begiratzeko». Beste aldetik, aztarnategiari begira, uste du informazio gehiago ematen duela bertan aurkitu ziren beste hezurdura batzuk hobeto ulertzeko, baita aurrerantzean egiten diren aurkikuntzetarako ere: «Etorkizunena aurkitu daitezkeen beste neanderthalen hezurduretan ere honek eman ditzake pistak: zelan aztertu, zer begiratu…». Azkenik, neanderthalen desagerpenari buruzko informazioa ere ematen duelakoan dago Gomez, «urriak» baitira garai hartako gizakien hezurren bidez egindako datazio zuzenak.
|
2020-12-9
|
https://www.berria.eus/albisteak/190881/baionako-eguneko-harrera-zentroa-hetsi-dute-baldintza-txarrengatik.htm
|
Gizartea
|
Baionako eguneko harrera zentroa hetsi dute, baldintza txarrengatik
|
Etxegabeentzako harrera gunea sano ez den lokal batean dela eta, hesteko erabakia hartu du elkarteko bulegoak.
|
Baionako eguneko harrera zentroa hetsi dute, baldintza txarrengatik. Etxegabeentzako harrera gunea sano ez den lokal batean dela eta, hesteko erabakia hartu du elkarteko bulegoak.
|
Atzotik hetsirik dago Baionako eguneko harrera guneak. Sud Ouest egunkariaren arabera, elkarteko lehendakari Françoise Irubetagoienak hartu du erabakia, lekuaren sanotasun eskasagatik. Salatu du aro gaiztoarengatik baldintzak txartu egin direla: ur bazterreko bidean kokatua da lokala. Bestalde, espazio falta ere azpimarratu du; izan ere, maiatzetik irailerako tartean, konfinamendua arintzeko denboran, 150 bat lagun heldu ziren egunero harrera gunera.
Atherbea eginkizun sozialerako elkarteak kudeatzen du gunearen funtzionamendua, baina Herriko Etxeak du lokalaren ardura. Christine Lauque gizarte aferetako axuantak Sud Ouest egunkariari baieztatu dio lokal berri bat atzemana zuela Herriko Etxeak, eta laster bisitatzen ahalko duela Atherbea elkarteak, egokia den ikusteko.
Anartean, etxegabeentzako behin-behineko aterpea irekia da, Baionako Lauga kirol gelan. Konfinamendu hasieran ireki zuten, eta bertan lo egiten ahal dute etxegabeek.
|
2020-12-9
|
https://www.berria.eus/albisteak/190882/sagarduik-dio-ospitaleratzeei-buruzko-akatsak-ez-diela-eragiten-izurriaren-bilakaeraren-datuei.htm
|
Gizartea
|
Sagarduik dio ospitaleratzeei buruzko «akatsak» ez diela eragiten izurriaren bilakaeraren datuei
|
Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak azalpenak eman ditu Eusko Legebiltzarrean. Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusiak salatu du «oso larria» dela Osakidetzak egindakoa, eta «gardentasun falta eta egiaren aurkako jarrera» izatea egotzi dio.
|
Sagarduik dio ospitaleratzeei buruzko «akatsak» ez diela eragiten izurriaren bilakaeraren datuei. Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak azalpenak eman ditu Eusko Legebiltzarrean. Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusiak salatu du «oso larria» dela Osakidetzak egindakoa, eta «gardentasun falta eta egiaren aurkako jarrera» izatea egotzi dio.
|
Osakidetzak atzo jakinarazi zuen aldatu egin duela azken asteotan koronabirusak jota erietxeetan ospitaleratuta zeuden gaixoen kopurua zenbatzeko irizpidea: orain arte eskainitako datuetan ez dituzte aintzat hartu antigeno testetan positibo emandako gaixoak. Hortaz, zenbaketa berriaren arabera, azken bi asteetan aurrez esandakoa baino 256 pertsona gehiago lirateke erietxeratutakoak. Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak eta Iñaki Berraondo sailburordeak agerraldia egin dute gaur arratsaldean Eusko Legebiltzarrean, eta hor eman dituzte argibideak. Azaldu dute ospitaleratzeei buruzko datuak Osasun Sailak egunero argitaratzen duen buletinean jasotzen direla, eta hor izan direla «akatsak», baina horrek ez diela eragiten izurriaren bilakaera kalkulatzeko irizpideei, ezta sailaren kudeaketari ere. Erabakiak hartzeko orduan datuak eguneratuta daudela argitu dute. Gaixoen kopurua zenbatzeko irizpidean egindako akatsa azaroaren 15etik edo 16tik gertatu dela argitu dute.
Horri buruz mintzatu da gaur goizean Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia Euskadi Irratian. Otegiren iritziz, «oso larria» da Osakidetzak egin duena, eta «gardentasun falta eta egiaren aurkako jarrera» izatea egotzi dio. Otegik mesfidantzaz hartu du Osakidetzak irizpide aldaketaz esandakoaz, akatsa izan dela argudiatu baitu: «Akatsa izan liteke edo nahita egindakoa». EH Bilduko buruak gogora ekarri du koalizioak aspaldi salatu duela datu ofizialak ez datozela bat errealitatearekin, eta iragarri du gertatutakoa argitzeko azalpenak eskatuko dizkiotela gaur bertan Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuari. Otegiren ustez, funtsezkoa da Jaurlaritzak «egia» esatea gaiari buruz: «Hau ez da broma; jendea hiltzen ari da».
Arratsaldean, EAEko Babes Zibileko Planaren (Labi) aholku batzordea bilduko da, eta, horri begira, Otegik agintariei esan die gomendioak bainoago erabakiak hartu behar dituztela. «Gomendioak psikologoek ematen dituzte, baina agintariek aginduak hartu behar dituzte». Haren ustez, egokiena litzateke mahai bat eratzea zientzialariekin, sindikatuetako, unibertsitateko eta industriako ordezkariekin eta politikariekin batera, elkarrekin erabakiak adosteko. Hain zuzen, Jaurlaritzari egotzi dio pandemia honetan halakorik ez duela bultzatu: «Izugarria da».
|
2020-12-9
|
https://www.berria.eus/albisteak/190883/eh-baik-laquoseparatismoaren-kontrako-legearaquo-gaitzetsi-du.htm
|
Politika
|
EH Baik «separatismoaren kontrako legea» gaitzetsi du
|
Frantziako Gobernuak abiatu duen lege proiektua Euskal Herriaren kontrako «erasotzat» jo du alderdiak.
|
EH Baik «separatismoaren kontrako legea» gaitzetsi du. Frantziako Gobernuak abiatu duen lege proiektua Euskal Herriaren kontrako «erasotzat» jo du alderdiak.
|
Jean Castex Frantziako lehen ministroak aurkeztu zuen lege proiektua iragan udan, Frantzian gertatutako eraso islamistei aurre egiteko helburuarekin. Lehen ministroak estatuaren «etsai» gisa aurkeztu zuen «separatismoa» orduan. Geroztik, zehaztu egin ditu legearen baitako zenbait neurri, eta EH Baik kezka erakutsi du horien aitzinean. «Nazionalismoaren gorazarrea eginez, Errepublikak ekarri eta ekarriko dituen onurak goraipatzen ditu, ikuspegi hori zalantzan jarriko duen oro legez kanpo kokatuz», salatu du. Izan ere, lege proiektuaren helburua «hainbat talde, beren ezaugarri etnikoetan edo erlijiosoetan oinarrituta, jarrera intrantsigentez ixteko aukera eragoztea» litzateke, Castexen arabera.
Hala, EH Baien arabera, lege egitasmoak «iritzi politiko, ikuspegi filosofiko, erlijioso, eta sindikatuetako kideen fitxaketa sistematikoa biltzen» du. Alderdiaren arabera, «orain arte fitxaketa horiek ekintza terroristari mugatzen» zitzaizkion. Gainera, protestak eragin dituen Segurtasun Orokorrerako legearen 24.artikulua —Frantziako Poliziaren irudiak grabatu eta zabaltzearen debekua— ere biltzen du «separatismoaren kontrako» lege proiektuak. EH Bai: «Errepublikaren instituzioei kalte egitearen nozioa asmatu dute».
EH Baik askatasun indibidual eta kolektiboen kontrako «erasotzat» jo du lege proiektua. «Hainbat komunitateren kontrako erasoa da Frantses nazionalismo atzerakoienaren partetik. Musulmanek dute estigma hori lehen lerroan jasaten. Iritzi publikoaren aitzinean etsai komun berri bat sortzen ari dira», alderdiaren erranetan. Hala, Euskal Herriaren kontrako erasoa ere badela uste dute: «Gure herriaren kontrako erasoa ikusten dugu honekin. Burujabetzaren alde, gure herriaren eskubide politikoak defenditzea, ez dator bat lege horren oinarriarekin. Honako hau baliatua izan daiteke eraiki ditugun hainbat tresnaren kontra egiteko. Adibide argia izan dugu Hiriburun murgiltze klase baten zabaltzeak sortu polemikarekin».
|
2020-12-9
|
https://www.berria.eus/albisteak/190884/itxaso-helburua-bizitzak-salbatzeak-izan-behar-du-ez-eguberriak.htm
|
Gizartea
|
Itxaso: «Helburua bizitzak salbatzeak izan behar du, ez Eguberriak»
|
Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak uste du ez dela «ikusmin handirik» piztu behar neurriak murriztuko direla pentsatuta.
|
Itxaso: «Helburua bizitzak salbatzeak izan behar du, ez Eguberriak». Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak uste du ez dela «ikusmin handirik» piztu behar neurriak murriztuko direla pentsatuta.
|
Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) aholku batzordea arratsaldean bilduko da Eguberrietarako neurriak aztertzeko, eta goizean Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak esan du ez dela piztu behar «ikusmin handirik» bilera horretan indarrean dauden neurriak nabarmen murriztuko direla pentsatuz. LABIk osasun irizpideen inguruan erabakiko duela azaldu du Itxasok, eta ohartarazi du hartzen diren neurrien helburua «bizitzak salbatzeak» izan behar duela, eta ez Eguberriak salbatzeak.
Esan du pandemiaren bilakaera oraindik ere «kezkagarria» dela, eta, datuak orain duela hilabete baino hobeak diren arren, nabarmendu du oraindik ez direla onak. «Ez gaude ongi. Eta ez dut nik bakarrik esaten, Osasun sailburuak ere esaten du, eta baita datu epidemiologikoak aztertzen duen edozein pertsonak ere».
|
2020-12-9
|
https://www.berria.eus/albisteak/190885/desagerpen-behartuen-nazioarteko-eguna-egiteko-eskatu-diote-eusko-legebiltzarrari.htm
|
Politika
|
Desagerpen behartuen nazioarteko eguna egiteko eskatu diote Eusko Legebiltzarrari
|
Foro Sozial Iraunkorrak egin du eskaera, eta gatazkaren ondorioz erregistratutako zazpi biktimak gogorarazteko baliatu dadin nahi dute.
|
Desagerpen behartuen nazioarteko eguna egiteko eskatu diote Eusko Legebiltzarrari. Foro Sozial Iraunkorrak egin du eskaera, eta gatazkaren ondorioz erregistratutako zazpi biktimak gogorarazteko baliatu dadin nahi dute.
|
Foro Sozial Iraunkorra Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean izan da gaur goizean, eta eskaera argi bat eraman du: desagerpen behartuen biktimen nazioarteko eguna ofizialki egin dezala Gasteizko ganberak. Gaur-gaurkoz, euskal gatazkari lotutako zazpi desagerpen daude erregistratuta: Jose Humberto Fouz, Jorge Juan Garcia eta Fernando Quiroga gazte galiziarrak, 1973an Miarritze eta Donibane Lohitzune (Lapurdi) artean desagertuak; Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur, 1976an desagertua; Tomas Hernandez, 1979an Hendaian azken aldiz ikusia; Jose Miguel Etxeberria Naparra, 1980an desagertua; eta Jean Louis Larre, 1983an Landetan desagertua. Foro Sozial Iraunkorrak gogora ekarri du, gainera, Joxean Lasa eta Joxe Zabalaren «kasu tragikoa», 1983an desagerrarazi eta hamabi urte geroago aurkitu zituztenak.
Praktika hori «herritarren artean izua eragiteko estrategia» izan dela azaldu dute Agus Hernanek eta Nekane Altzelaik Eusko Legebiltzarrean egin duten mintzaldian. «Praktika horrek sortzen duen segurtasunik ezaren sentsazioa ez da desagerrarazitako pertsonaren hurbileko ahaideengana mugatzen, baizik eta bere komunitateari eta gizarte osoari eragiten dio». Drama hori Euskal Herrian presente egon dela azpimarratu dute, eta indarkeriaz baliatuta pertsonak desagerrarazi dituzten eragileak ugariak izan direla.
Senide eta lagunek pertsona horiek non dauden ez jakiteak sortzen duen mina eta sufrimendua «izugarriak» direla esan dute, eta «sendatzen oso zailak» direla. Desagertuen gertukoek gertatutakoa jakiteko eskubidea dutela esan dute, eta, horregatik, Foro Sozial Iraunkorrak eskatu du «biktima horiei eta haien senideei dagokien egia bermatzea». Horretarako zailtasun ugari daude: besteak beste, informaziorik eza, ikertzeko baliabiderik eza, informazio iturri fidagarriak topatzeko oztopoak, prozedura judizialerako zailtasunak... Horri guztiari aurre egiteko Egiaren Batzorde bat abian jartzeko eskaera egin dute Hernanek eta Altzelaik, kasu horien aitorpena eta erreparazioa ahalbidetzeko.
Behartutako desagertzeen inguruko kontzientziazio lana egiteko, beraz, abuztuaren 30ean egiten den nazioarteko eguna Legebiltzarrean ofizialki antolatzeko deia egin du Foro Sozial Iraunkorrak. «Horrelako nazioarteko egunak egiteak aukera eman dezake herritarrak oro har sentsibilizatzeko indarkerien zikloaren ebazpenari buruzko gai interesgarriei dagokienez, eta, gainera, komunikabideen arreta erakartzeko, iritzi publikoari adieraz diezaioten ebatzi gabeko kasuak oraindik badaudela».
|
2020-12-9
|
https://www.berria.eus/albisteak/190886/giza-katea-eginen-dute-bakegileek-urtarrilaren-9an-baionan.htm
|
Politika
|
Giza katea eginen dute Bakegileek urtarrilaren 9an Baionan
|
Frederic Haranburu Xistor euskal presoaren baldintzapeko askatasunaren jarraipenean, preso guzien auzia «behin betiko» konpontzeko eskatu dute. Abenduaren 26an ekimen bateratuak antolatuko dituzte.
|
Giza katea eginen dute Bakegileek urtarrilaren 9an Baionan. Frederic Haranburu Xistor euskal presoaren baldintzapeko askatasunaren jarraipenean, preso guzien auzia «behin betiko» konpontzeko eskatu dute. Abenduaren 26an ekimen bateratuak antolatuko dituzte.
|
Argi dugu: presoak orain! lelopean giza katea eginen dute Bakegileek urtarrilaren 9an Baionan. 17:30ean eman dute hitzordua eta gutxienez 2.000 pertsona batu nahi dituzte Errobi ibaiaren inguruan. Parte hartzaileei aitzinetik izena eman eta bakoitzak bere metroa erreserbatzeko deia egin diete, eta kultura, kirola, politika eta gizarte eragileei ere dei berezia egin diete. Irailaren 19an egin zuten mobilizazioari jarraipena emanez, ekimen bat baino gehiago abiatu dituzte tokian toki eta horien bateratze bat eginen dute abenduaren 26an, Argitu plazak! lelopean.
Frederic Haranburu Xistor euskal presoaren baldintzapeko askatasunarekin, 2020. urtea "esperantza izpi" batekin bukatu dutela adierazi dute Bakegileek, eta Euskal Herrian ere, gainerako herrialdeetan bezala, bakerako bidea ezinbestean presoan auzia konpontzetik pasatu behar dela berretsi dute. "Atzoko gatazkak eta atzoko sufrimenduek eragindako sentimendu legitimoak baino indartsuagoa den etorkizuneko borondate komun batek gainditu behar gaitu. Presoen egoeraren berehalako aldaketa da ikuspegi erradikal horren elementu bat".
Haranbururen erabaki "positiboaren" ondotik, abenduaren 19rako aurreikusia zuten desobedientzia ekintza "suspenditzea" erabaki zuten Bakegileek. "Osoki mobilizatuak eta erne egon arren, blokeo politikoak etapa berri bati tokia emango diola sinetsi nahi dugu, eta erritmo azkarragoan, gatazkaren ondorioak behin betiko konpontzeko aurrera eginen dela". Haranbururen erabakiaren jarraipenean, Jakes Esnal eta Jon Kepa Paroten kasuak, biziki eri diren presoak, preso zaharrak eta gainerako guziak aipatu dituzte. "Zenbat eta denbora gehiago eman, orduan eta bateraezinagoa da presondegiaren nozioa bera bakerako bidearekin". Baldintzapeko askatasunekin eta "asmatu beharreko beste mekanismo batzuekin" presoen auzia "behin betiko" konpontzera jo beharko dela erran dute. Justizia trantsizionalaren beharra azpimarratu dute.
Oroimen kolektiboa
Hala ere, Bakegileek azpimarratu dute presoen auzia konponduta ere ez dela "denei bakea emanen dien" bidearen bukaera izanen, "gatazkaren edozein aldetakoa izanik ere". 2017ko apirilaren 8an ETAren armagabetzea burutu ondorengo ekitaldian izandako hitzartzea ekarri dute gogora: "Ezerk ez du gure eztabaidetatik ihes egin behar. Historia hau egin zuen ezer ez da saihestu edo ezkutatu behar. Dena azterketa kritikoaren eta hausnarketa politikoaren menpe jarri behar da, eskakizun bakar batekin: gure desberdintasunak demokratikoki konpontzea". Ariketa hori funtsezkoa dela berretsi dute bakegileek. "Guztion oroimen kolektiboa errespetatzen lagundu behar du".
|
2020-12-9
|
https://www.berria.eus/albisteak/190887/beste-536-positibo-zenbatu-dituzte-hego-euskal-herrian.htm
|
Gizartea
|
Beste 536 positibo zenbatu dituzte Hego Euskal Herrian
|
Ugaritu egin dira kutsatuak bezperako datuekin alderatuta, eta positiboen ehunekoa %5,7 da. Jaurlaritzak jakinarazi du azaroaren 30etik abenduaren 6ra 76 lagun hil direla koronabirusagatik.
|
Beste 536 positibo zenbatu dituzte Hego Euskal Herrian. Ugaritu egin dira kutsatuak bezperako datuekin alderatuta, eta positiboen ehunekoa %5,7 da. Jaurlaritzak jakinarazi du azaroaren 30etik abenduaren 6ra 76 lagun hil direla koronabirusagatik.
|
Azken orduetan kutsatu kopurua igo egin da Hego Euskal Herrian: 536 positibo zenbatu dituzte, bezperan baino 101 gehiago. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, atzo 9.291 PCR eta antigeno testak egin ziren, eta horietatik %5,7k positibo eman zuten. Beraz, asteleheneko datuekin alderatuz gero, apur bat gora egin du positiboen ehunekoak Hego Euskal Herrian: %5,4tik %5,7ra.
Lurraldeka, positibo kopuru gehien Bizkaian zenbatu dira: 227 (bezperan baino 87 gehiago), Gipuzkoan, 143 kasu atzeman dituzte (bi gutxiago), Araban 73 (zortzi gutxiago) eta Nafarroan 86 (hogei gehiago).
Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak jakinarazi duenez, atzo beste 38 lagun ospitaleratu zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan koronabirusagatik, eta une honetan 125 lagun daude hiru lurraldeetako ospitaleetako ZIUetan. Hildakoen kopurua ere eguneratu du Jaurlaritzak: azaroaren 30etik abenduaren 6ra 76 lagun hil direla jakinarazi du.
|
2020-12-9
|
https://www.berria.eus/albisteak/190888/araban-lau-parke-eoliko-jartzeko-baimena-eskatu-du-aixeindarrek.htm
|
Ekonomia
|
Araban lau parke eoliko jartzeko baimena eskatu du Aixeindarrek
|
Azazetan, Iturrietako mendietan, Arkamon eta Labrazan kokatu nahi ditu. 250 megawatteko potentzia izango lukete.
|
Araban lau parke eoliko jartzeko baimena eskatu du Aixeindarrek. Azazetan, Iturrietako mendietan, Arkamon eta Labrazan kokatu nahi ditu. 250 megawatteko potentzia izango lukete.
|
Legealdian energia eolikoa bultzatzeko konpromisoa hartu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta Aixeindar enpresa sortu zuen iaz horretarako. Jaurlaritzaren menpeko Euskal Energia Erakundeak du konpainia horren %40, eta Iberdrolak gainontzeko %60.
Aixendar bere asmoak zehazten hasi da gaur. Arabako mendietan lau parke eoliko jartzeko baimena eskatu du, 250 megawatteko potentziarekin. Aurrera egingo balute, asko handituko litzateke gaur egungo ahalmena Jaurlaritzaren menpeko lurraldeetan, 153 MWeko potentzia dagoelako gaur egun instalatuta (Oiz, Elgea...).
Proiektuen artean handiena Arkamoko mendietan jarri nahi duena da, Erriberagoitiako lurretan. 95 megawatteko ahalmena luke.
Jakina zen Iturrietako mendietan ere leku bila ari zela Aixeindar, eta gaur baieztatu du han 75 megawatteko parkea jarri nahi duela, Arraia-Maeztuko lurretan.
40 MWeko ahalmena lukete beste bi parkeek, Azazetan (Arraia-Maeztu eta Bernedo), eta Labrazan.
Aurkeztutako lau eskaera horietatik, hiru (Iturrietako mendiak, Arkamo eta Labraza) Espainiako Ekologia Trantsizio eta Erronka Demografiko Ministerioan egin ditu Aixeindarrek, eta eta bestea (Azazeta), berriz, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailean. Aixeindarrek azaldu duenez, tramitazioa leku ezberdinetan aurkeztearen arrazoia hauxe da; batetik, tramitazioa proiektuaren potentziaren arabera egin behar da (50 MW-etik aurrera Estatuko erakunde eskudunaren aurrean, kasu honetan Ministerioa dena); eta bestetik, proiektuak autonomia erkidego bati baino gehiagori eragiteagatik, (Labrazako kasua dena, Nafarroari dagokionez)
Beste lurraldeetan ere haize errotak jartzeko lekuen bila ari da Aixeindar. Haizearen neurketak egiten ari da, «tokian tokiko potentziala ezagutu nahian eta egitasmo berriak abiarazteko aukera ebaluatzeari begira». Konpainiak justifikatu duenez, «kontsentsu erabatekoa dago: ekonomiaren deskarbonizazioari eta klima aldaketari aurre egiteko, energia eolikoa ezinbesteko tresna edo palanka da. Gainera, Euskadi munduko onenen artean kokatuta dago industria ehunari dagokionez, punta-puntako enpresak baititu, euskal industrian oso garrantzitsuak izateaz gain maila teknologiko eta garapen handikoa direnak, mundu osora esportatzen ari direna. Ekosistema horrek aukera ematen du, besteak beste, parke eoliko baten diseinu, prestaketa eta ekoizpen osoaren katea Euskadin egin ahal izatea, AEBetako mendebaldeko kostaldean gertatzen dena bakarrik, zenbaitetan»- Era berean, Pariseko Akordioan ezarritako konpromisoei eta Europako Batasunaren irizpideei erantzun nahi diela dio Aixeindarrek.
|
2020-12-9
|
https://www.berria.eus/albisteak/190889/coca-colak-pepsicok-eta-nestlek-sortzen-dute-plastiko-kutsadura-gehien-ikerketa-baten-arabera.htm
|
Gizartea
|
Coca-Colak, PepsiCok eta Nestlek sortzen dute plastiko kutsadura gehien, ikerketa baten arabera
|
Hirugarren urtez jarraian, zikinenen gailurrean agertzen dira konpainiak, Break Free From Plastic mugimenduak 55 herrialdetan eginiko azterketan.
|
Coca-Colak, PepsiCok eta Nestlek sortzen dute plastiko kutsadura gehien, ikerketa baten arabera. Hirugarren urtez jarraian, zikinenen gailurrean agertzen dira konpainiak, Break Free From Plastic mugimenduak 55 herrialdetan eginiko azterketan.
|
Break Free From Plastic taldeak (Plastikotik Askatu) urtero aztertzen du nortzuk diren munduan plastiko kutsadura handiena sortzen duten konpainiak. Ikerketak mekanika sinplea du: erakundeak duen boluntario talde zabalak plastikozko zaborra jasotzen du munduko 55 herrialdetan. Horien etiketak aztertzen dituzte, eta, gero, zaborkin kopururik handiena zer konpainiak sortu duen kalkulatzen dute.
Denera, 346.494 plastiko puska jaso dituzte aurten ikerketako 14.734 boluntariok. Ondorioak oso argia dira, besteak beste, hiru izen egon direlako zerrendaren goian azken hiru urteotan: edariak egiten dituzten Coca-Cola Company eta PepsiCo, eta edariak eta jana merkaturatzen dituen Nestle.
«Ez da harrigarria ikustea hiru konpainia berak plastikozko kutsatzaileenen podiumean hiru urtez jarraian», esan du Abigail Aguilarrek, kanpainako koordinatzailetako batek. «Konpainia horiek esaten jarraitzen dute plastikoaren arazoari aurre egiten ari direla, baina segitzen dute konponbide faltsuetan inbertitzen, petrolio konpainiekin bat egiten duten bitartean, plastiko gehiago sortzeko». Behin bakarrik erabiltzeko ontziak uzteko eskatu die Aguilarrek.
Horrez gain, erakundeak salatu du konpainiok zailtzen ari direla euren ontziak birziklatzeko aukera, gero eta kalitate txarragoko plastikoa erabiltzen ari direlako, berriz erabiltzea ezinezkoa egin arte.
Break Free From Plastic mugimendua 2016. urtean hasi zen, eta gobernuz kanpoko 1.900 erakunde baino gehiago batzea lortu du, erabilera bakarreko plastikoaren arazoa salatzeko. Eskatzen dutenez, konpainiek merkaturatzen dituzten ontzien gaineko erantzukizuna hartu behar dute, eta haiek biltzeak eta tratatzeak duen kostua ordaindu behar dute, besteak beste sortzen duten kalte ekologikoarena. Kalkulatu dutenez, munduan ekoitzitako plastiko kopurua gaurkoa halako bi izango da 2030erako, joera geratzen ez bada.
Hamar kutsatzailerik handienen zerrenda beste konpainia hauek osatzen dute: Unilever, Mondelez International, Mars, Procter & Gamble, Philip Morris, Colgate-Palmolive eta Perfetti Van Melle.
Coca-Colaren kasua bereziki larria da, mugimenduaren datuen arabera: ikerketako boluntarioek haren 13.834 ontzi aurkitu dituzte 51 herrialdetan, hau da, bigarren eta hirugarren konpainia kutsatzaileen ontziak batuta baino gehiago. Gainera, iazko ikerketan baino zabor gehiago atzeman dute: 2.102 ontzi gehiago, 14 herrialde gehiagotan.
«Plastikoaren ekoizpena gelditu behar dugu, debekatu erabilera bakarrekoa, eta berrerabiltzeko sistema sendo eta estandarrak ezarri», esan du mugimenduko koordinatzaile Emma Priestlandek. «Coca-Cola, PepsiCo eta Nestle buruan joan beharko lirateke benetako konponbideen bila».
1950eko hamarkadan hasi zen industrialki erabiltzen plastikoa, eta geroztik 8.300 milioi tona baino gehiago ekoitzi dira. Aurreikuspenen arabera, 2050rako ekoizpena 34.000 milioi tonaraino iritsiko da. Nazio Batuen Erakundeak, Europako Batasunak eta beste hainbat nazioarteko erakundek azken urteotan ohartarazi dutenez, martxa honi eutsiz gero, 2050ean arrain baino plastiko gehiago egongo dela itsasoan.
|
2020-12-9
|
https://www.berria.eus/albisteak/190890/memoria-gara-ekinbideak-proiektu-bat-egin-du-san-frantzisko-eliza-memoriarako-espazio-bihurtzeko.htm
|
Politika
|
Memoria Gara ekinbideak proiektu bat egin du, San Frantzisko eliza memoriarako espazio bihurtzeko
|
Otsailean egindako Martxoak 3 Memoria(k), Espazioa(k), Kolektiboa(k) jardunaldien ondorioa izan da proiektua. Aurrera egin dezan, hainbat erakundetara joko dute, baina prozesua eta diskurtsoak ez «monopolizatzeko» eskatu diete.
|
Memoria Gara ekinbideak proiektu bat egin du, San Frantzisko eliza memoriarako espazio bihurtzeko. Otsailean egindako Martxoak 3 Memoria(k), Espazioa(k), Kolektiboa(k) jardunaldien ondorioa izan da proiektua. Aurrera egin dezan, hainbat erakundetara joko dute, baina prozesua eta diskurtsoak ez «monopolizatzeko» eskatu diete.
|
Gune didaktiko bat sortzea, etengabe aldatuko dena, funts propioarekin, ikertuko duena eta kontakizun ofizialetan baztertu dituzten biktimei ahotsa emango diena. Horiek dira, oro har, Memoria Gara ekinbidearen arabera, Gasteizko Zaramaga auzoko San Frantzisko elizarako diseinatu duen proiektuaren ezaugarri nagusiak. Memoriarako gune bat eraiki nahi dute bertan, 1976ko martxoaren 3an poliziak bost langile hil eta ehun pertsona baino gehiago balaz zauritu zituen lekuan. Proiektua amaituta, Memoria Gara-k Eusko Jaurlaritzara, Arabako Foru Aldundira, Gasteizko Udalera eta Gotzaindegira joko du.
Josu Santamaria historialaria arduratu da proiektua egiteaz, eta Gasteizen otsailean egindako Martxoak 3 Memoria(k), Espazioa(k), Kolektiboa(k) jardunaldien ondorioa izan da. Memoria Gara-k azaldu duenez, jardunaldi horietan guztira hamabost pertsonak parte hartu zuten, eta proiektua gauzatzeko hainbat gai jorratu zituzten: edukiak, espazioko esku hartzea edo kudeaketa eredua. «Jardunaldiak osatzeko, hainbat tailer parte hartzaile egin ziren, eta elkarrizketak egin zitzaizkien martxoaren 3ko sarraskia lehen pertsonan bizi izan zutenei», adierazi dute.
Santamariak eta Nerea Martinezek —martxoaren 3an hildakoetako baten ilobak— lan horren ondorioak aurkeztu dituzte gaur. Horietako bat da martxoaren 3ko memoria langileena izango dela: «Eliteek memoria espazioak diseinatu nahi badituzte gatazkaren nozioa saihesteko eta klase nagusien balioak erreproduzitzeko, balio horiek alferrikakoak izango dira. Martxoaren 3ko memoria langileena izango da edo ez da izango», azpimarratu du Santamariak ohar bidez. Horrez gain, nabarmendu dute martxoaren 3ko memoria «askotarikoa eta konplexua» dela. Zehaztu dute sortu nahi duten espazio horrek «beste biktimak» aitortuko dituela, kontakizun ofizialetik baztertu dituztenak, «hierarkiarik gabe, errepresioaren aurkakoa eta feminista izango den benetako memoria lana egin ahal izateko».
Ikerketari ere garrantzia eman nahi diote: «Memoria Gara-k ulertzen du gehiago eta hobeto ikertu behar dela, sakondu egin behar dela martxoaren 3ko memoriaren aitorpenean eta ulermenean, eta garai hartako esperientzia kolektibo hori eskaini behar dela». Horrez gain, uste dute kontuan hartu behar dituela azken 45 urteetako adierazpen kulturalak, artistikoak eta politikoak. «Espazio komunitario, aktibo eta bizia izan behar du, baina baita memoriari buruzko espazio didaktikoa ere».
Lagundu, baina «monopolizatu» gabe
Memoria Gara ekinbidearen irudiko, gisa horretako proiektu batek erakunde publikoen laguntza jaso beharra dauka, baina ohartarazpen bat egin dute: «Erakunde horiek ezin dute inola ere prozesua eta diskurtsoak monopolizatu, martxoaren 3ko memoria ez baita inola ere memoria ofizial edo erosoa». Ildo horretatik, errefusatu egin dute memoria eta proiektua instituzionalizazio prozesu batek «xurgatzea», «horrek etxekotze eta banalizatze saiakera bat badakar»
|
2020-12-9
|
https://www.berria.eus/albisteak/190891/ia-28000-produktu-saldu-ditu-durangoko-azoka-digitalak.htm
|
Kultura
|
Ia 28.000 produktu saldu ditu Durangoko Azoka digitalak
|
Gerediaga elkarteko ordezkariek egindako aurreikuspenak «bete» eta «gainditu» ditu azokak, eta «hunkituta» daudela esan dute. Landako gunean hurrengo egunetan bidalketak egiten jarraitu beharko dute langileek, jasotako eskari oldeari erantzuteko.
|
Ia 28.000 produktu saldu ditu Durangoko Azoka digitalak. Gerediaga elkarteko ordezkariek egindako aurreikuspenak «bete» eta «gainditu» ditu azokak, eta «hunkituta» daudela esan dute. Landako gunean hurrengo egunetan bidalketak egiten jarraitu beharko dute langileek, jasotako eskari oldeari erantzuteko.
|
Itxi dute Durangoko Azokako denda digitala, baina isats luzea utziko du oraindik ere Landako gunean. Oraindik lanez lepo jarraitzen dute Gerediaga elkarteko langileek eraikin barruan azoka egunetan jasotako eskari guztiei erantzuteko. «Egun batzuetarako lana dugu oraindik hemen». Ehunka paketeko metak ikus daitezke bazterretan; mahairik mahai dabil jendea liburu eta disko bila, eta etenik gabea da zinta itsasgarriaren hotsa; neke aurpegi nabarmenak, baita lasaitasun aire bat ere. Funtzionatu du aurtengo ereduak. Aurreikuspenak «bete» eta, are, «gainditu» ere egin dituela esan dute antolatzaileek. 7.800 erosketa egin direla zehaztu dute Gerediaga elkarteko ordezkariek, eta 27.758 produktu saldu direla, guztira. Igandera arte bidalketak egiten jarraituko dutela aurreikusi dute horregatik. Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakariak bihurtu ditu sentsazio datu horiek guztiak. «Hunkituta gaude kulturazaleen aldetik jaso dugun erantzunarekin; ikaragarria da jaso dugun taupada kolektiboa».
Erosketa guztiak digitalak izan dira aurten, eta horrek aukera eman die antolatzaileei datu guztiak zehatz eman ahal izateko. Erosleen jatorria, erosketa gehien noiz egin den, erosketaren zenbatekoak... 27.758 produktu horien artean, esaterako, liburuak izan dira 15.577, diskoak 7.036, eta bestelako 5.145. Euskal Herrikoak izan dira erosle gehienak, eta batez beste 53 euro gastatu ditu haietako bakoitzak, 3,5 produktu erosteko. Abenduaren 8an izan zen salmenta gehien, azokako azken egunean zehazki.
Programak ere harrera ona
Arantza Atutxa Gerediaga elkarteko kudeatzaileak esan du bikoiztu egin behar izan dituztela erosketak bideratzeko aurreikusitako langileen txandak, eta baita kutxa gehiago eskatu eta garraiolarien bidaiak areagotu behar izan dituztela ere. «Asko izan dira egun hauetan agortu diren produktuak eta hainbat sortzaile, argitaletxe eta diskoetxe etorri behar izan dira produktu gehiago ekartzera».
Azoka egunetarako antolatutako kultur egitarauak izandako harrera ona ere nabarmendu dute; bai aurrez aurre izan den ikusle kopuruagatik, bai streaming bidez izan dituenengatik ere. Guztira, 5.800 pertsona izan dira Durangon eta Euskal Herriko zortzi herritara eraman duten Zu non, han DA! programan antolatutako kontzertuetan, eta, guztira, 43.500 ikusle izan ditu sarean egitarauak. Euskal Herrikoak izan dira ikusle gehienak, baina izan dira Mexikon, AEBetan eta Argentinan konektatu diren ikusleak ere. Bertatik bertara izandako ikusleak eta sarean izandako jarraitzaileak batuz, beraz, 50.000 zale batu ditu programak, Atutxak zehaztu duenez.
Ez dago aurreko urteetan izandako salmentekin alderatu ahal izateko daturik. Izan ere, saltzaileek kudeatu izan dituzte erosketei buruzko zenbakiak orain arte, eta ez Gerediaga elkarteak. Elkarteko kudeatzaileak gogoratu duenez, ordea, Durangora joandako 100.000 bisitarietako bakoitzak 48 euroko gastua egiten zuela zehaztu zuen Siadeco etxeak duela hiru urte egindako ikerketa batean. Aurten, berriz, 53 euro izan da batezbestekoa, webgunea baliatu duten 7.800 erosleen kasuan.
Azoka fisikora itzultzea
Tentsio handiko hilabete batzuen ostean, Mujikaren kortesiazko agur hitzetatik hasita igarri zaie lasaitua gaurko prentsaurrekoan, eta sinbolikoa izan da datuak aurkezteko aukeratu duten lekua. Saiakerak funtzionatu egin duela esan du Mujikak. «Zalantzaz betetako urte honetan, oso ondo ez genekien egiten ari ginen lan honek guztiak zerbaitetarako balioko ote zuen, azoka egoera honetan egingarria ote zen eta jendeak erantzungo ote zuen; baina esfortzu honek guztiak merezi izan duela frogatu duzue». Azokako lehenengo biltegi lanak egin zituen eta Hitz liburu denda izandako etxabean egin dute balorazio prentsaurrekoa. «Azoka bertan behera utzi edo murriztu beharrean, moldatu, berritu eta zabaltzea erabaki dugu. Erronka handia izan da hau guztia antolatzea. Lehen aldiz sortu dugu euskal kulturaren online denda erraldoia, bere konplexutasun guztiarekin. Horregatik, eskertu nahi izan dugu erosleak zenbait arazo teknikoren aurrean zein ulerberak izan diren».
Azoka fisikora bueltatzea da plana, halere. Argi eman du erantzuna Gerediaga elkarteko lehendakariak. «Ez dugu ezkutatu behar guztiok, geuk barne, aurrez aurreko azoka faltan sumatu dugula. Horrek ez du kentzen oso pozik gaudela egin den lanarekin eta lortu dugunarekin. Orain aztertu beharko ditugu ondo arlo guztiak, eta ikusi beharko dugu nola goazen 2021. urtean, eta ikusiko dugu zer modutako azoka egin ahalko dugun».
Liburu dendetara
Durangoko Azoka amaitu ondoren ere euskal kultura kontsumitzen jarraitzeko deia egin die herritarrei Mujikak. Hain zuzen, jarraipen hori irudikatzeko atxikimendu kanpaina antolatu dute Euskal Herriok 141 liburu dendarekin. Gaurtik hasi eta urtarrilaren 8ra bitartean Durangoko Azokaren produktuak bertan salgai jarraitzen dutela adierazi dute Gerediaga elkarteko kideek. «Online dendan erosi ez duzuenok aukera daukazue zuen herri edo hiriko liburu dendetan azokako produktuak eskuratzeko». Webgunean dator egitasmoarekin bat egin duen saltokien zerrenda, baina, zehaztu dutenez, Araban hamahiru liburu denda bildu ditu kanpainak, Bizkaian 59, Gipuzkoan 49, Lapurdin bat, eta Nafarroan hemeretzi.
|
2020-12-9
|
https://www.berria.eus/albisteak/190892/erraustegia-laquobaimenik-gaberaquo-ari-dela-eta-fiskaltzara-joko-duela-jakinarazi-du-gurasosek.htm
|
Gizartea
|
Erraustegia «baimenik gabe» ari dela eta fiskaltzara joko duela jakinarazi du GuraSOSek
|
Jakinarazi duenez, aurreko astean GHK-k aurkeztu zuen Jaurlaritzaren agiriak ez dio industria baimenik eman instalazioari, eta ohartarazi du «prebarikazio eta agiri faltsutze delituak» egon daitezkeela.
|
Erraustegia «baimenik gabe» ari dela eta fiskaltzara joko duela jakinarazi du GuraSOSek. Jakinarazi duenez, aurreko astean GHK-k aurkeztu zuen Jaurlaritzaren agiriak ez dio industria baimenik eman instalazioari, eta ohartarazi du «prebarikazio eta agiri faltsutze delituak» egon daitezkeela.
|
GuraSOSek adierazi du Zubietako erraustegiaren balorizazio eta energia-horniduraren katea «funtzionamendutik kanpo» dagoela, azaroaren 15ean industria baimenik gabe geratu zirelako. Ondorio horiek atera ditu elkarteak, joan den ostiralean, hilak 4, Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumen diputatu eta hondakinen kontsortzioko presidenteak ezagutzera eman zuen Jaurlaritzako Industriako dokumentuaren edukia aztertu ondoren. Hain zuzen ere, elkarteak uste du agiri horrek instalazioari jarduteko baimena eman ez, baizik eta berretsi duela abian jartzeko behin-behineko akta bertan behera geratu dela. Azaroaren 15ean bukatu zen abuztuaren 17an emandako behin-behineko abiatze aktarentzako baimen epea, eta Ekondakin enpresa kudeatzaileak eskatu arren, Jaurlaritzako Industria Sailak ez luzatzea erabaki du. GuraSOSek uste du Arantxa Tapia Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak bazekiela ekainaren 16an erraustegiari emandako ingurumen baimen bateratuaren (IBB) eraginkortasuna ez zela baliozkoa, obrak amaitu gabe zeudelako. Besteak beste, instalazio elektrikoaren pieza nagusia (transformadorea) irailaren 1ean probatu zuten lehen aldiz, eta orduan erre egin zen. Hala ere, Tapiak atzera bota du GuraSOSek baimen horren aurka jarritako gorako helegitea, eta taldeak uste du «prebarikazioa» egiten ari dela. «Haren asmo bakarra da uztailaren 7an iraungitzekoa zen IBBa salbatzea». Izan ere, IBBa galduz gero, Zubietako proiektua eta enpresekiko kontratua bertan behera geratuko lirateke, eta tramitazioari hasieratik ekin beharko litzaioke.
Berehala gelditzea
Egoera hori ikusita, GuraSOSek Jaurlaritzako Industria Saileko Gipuzkoako lurralde-ordezkariari eta Energia zuzendariari eskatu die «erraustegiaren instalazioetako jarduera berehala gelditzeko» agindua emateko, eta ohartarazi die, bestela, ez betetze hori fiskaltzari aurkeztuko dion salaketan erantsiko duela. Hain zuzen ere, GuraSOSek aipatu du fiskaltza Ekondakineko lau arduradun ikertzen ari dela ingurumen delitu bat egin zutelakoan, Arkaitzerrekara maiatzean egindako amoniako isurketarengatik. Jakinarazi du ikerketa horretan erraustegiaren baimen administratiboak aztertzen ari direla. GuraSOSen iritziz, «plantaren jarduera gelditu egin behar da, eta egiten ari diren urraketa juridiko-administratiboen soka eten, gizartearen eta erakundeen artean hausnarketa-aldi bat irekitzeko». Horretarako, elkarrizketarako deia egin die erakundeei. Ostiralean Asensiok aurkeztu zuen Industriaren agiriak aipatzen du ordezko instalazio elektrikoa (transformadore nagusia ordezkatu duten hiru itsas sorgailuk osatutakoa) dokumentazio jakin baten zain dagoela. Agirian zehaztu dute hori aurkeztutakoan Industriak aldi baterako instalazio hori martxan jartzeko akta egingo duela. GuraSOSek azpimarratu du, beraz, oraingoz ez daukala funtzionatzeko aktarik. Sinadura «arraroa»
Agirian ageri den Jaurlaritzaren sinadurari ere «ezohiko traza» hartu dio GuraSOSek. Izan ere, bi izen ageri badira ere, bakar batek sinatu du, eta gainera, PA akronimoa erantsi dio. GuraSOSek uste du horrek «abokazio» kontzeptuari erantzun diezaiokeela, sinatzailea (Javier Martinez de Lagos Manzana) ez delako Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzako funtzionarioa. GuraSOSek adierazi du zantzuak dituela pentsatzeko Industriako arduradunek «presiopean» jarri dutela gaiari atxikitako funtzionarioa, eta «legearen eta araudiaren aurrean nekez» har daitezkeen erabakiak sinatzera behartzen dutela. GuraSOS amaitzen ari da aste honetan bertan fiskaltzaren aurrean jarriko duen salaketa, eta, besteak beste,«funtzioak usurpatzea», «agiriak faltsutzea» eta «prebarikazioa» egin ote duten argitzeko eskatuko dio fiskaltzari. Era berean, elkarteak jakinarazi dio Red Electrica de Españari Zubietako instalazioa legez kanpokoa izan daitekeela, eta sare elektrikoaren instalazioak deskonektatzeko eta hainbat erregistro eta izapide ezeztatzeko eskatu dio. Era berean, Iberdrola Taldeari ere eskatu dio ez diezaiola eman kontsumorako eta sorkuntzarako aukera bere banaketa-sarearen bidez, eta legez kanpoko egoeran hornitzeak dakartzan ondorioez ohartarazi dio.
Operazioaren hasiera akta
Bestalde, Jose Ignacio Asensiok gaur iragarri duenez, tratamendu mekaniko biologikorako (TMB) eta erraustegirako operazioaren hasiera akta hurrengo egunetan sinatuko dute, eta orduan hasiko da emakidaduna ustiapen arrunta egiten. Horrek abiatuko luke kontratua, eta enpresak kobratzen hasiko lirateke ematen duten zerbitzuarengatik. Asensiok iragarri du hori dela «azken tramite administratiboa» eta urtea amaitu baino lehen egingo dutela. Jakinarazi duenez, Markel Olano diputatu nagusiarekin batera bisita bat egingo du laster Zubietako instalazioetara.
|
2020-12-9
|
https://www.berria.eus/albisteak/190893/sarek-mobilizazioak-antolatu-ditu-hegoaldeko-lau-hiriburuetan-abendurako.htm
|
Politika
|
Sarek mobilizazioak antolatu ditu Hegoaldeko lau hiriburuetan abendurako
|
Martxak antolatu dituzte Iruñeko eta Basauriko kartzeletara, eta beste bat Martutenekotik hasita. Mobilizazioak egingo dituzte Gasteizen eta Bilbon ere.
|
Sarek mobilizazioak antolatu ditu Hegoaldeko lau hiriburuetan abendurako. Martxak antolatu dituzte Iruñeko eta Basauriko kartzeletara, eta beste bat Martutenekotik hasita. Mobilizazioak egingo dituzte Gasteizen eta Bilbon ere.
|
Sarek duela ia hilabete jakinarazi zuen urtero urtarrilean Bilbon antolatu ohi duten manifestazioa bertan behera uztea erabaki zutela, COVID-19a dela eta. Orduan, urtarrilaren 9an herriz herri eta auzoz auzo mobilizatzeko deia egin zuten, eta gaur jakinarazi dute abendurako ere hainbat mobilizazio antolatu dituztela. Abenduaren 19an izango dira lehenengoak. Berriozarreko (Nafarroa) Euskal Herria plazatik Iruñeko espetxera martxa bat antolatu dute, 17:30ean abiatuta, iluntasunari, etxerako argia lelopean. Egun berean, Bilbon mobilizazio bat egingo dute, 19:00etan, Arriagan, Bidea gara leloarekin. Abenduaren 24an, Gasteizen egingo dute mobilizazioa, 19:00etan, Ahateen iturria plazan. Azkenik, hilaren 26an, Basauriko (Bizkaia) osasun etxetik kartzelara martxa egingo dute, eta Donostian, Martuteneko espetxetik Loiolara joango dira, 11:00etan abiatuta, urrunketa + COVID-19a = umezurtz lelopean.
Mobilizatzeko arrazoiak badaudela uste du Sarek, «bizi dugun egoerak espetxean diren pertsonengan eta euren senideengan izaten ari den eragin larria dela eta». Bereziki kezkatzen ditu aita, ama edo bi gurasoak kartzelan dituzten haurrek; larri gaixo dagoen Ibon Fernandez Iradik COVID-19a pasatu izanak; eta urruntze politikari COVID-19a gehitzean gaixotasun horrekiko zaurgarriak diren senideek bizi duten egoerak. «Adibide soilak dira, beste hainbeste egoera mingarri sortu baititu salbuespeneko espetxe politika honi pandemia egoera gehitu zaionean».
Irekita dagoen aukera berria aprobetxatu eta bultzatzeko beharra ere ikusten du Sarek: «Lortutako adostasun eta babes politiko, instituzional, sindikal eta sozialak ,eta frantziar eta espainiar estatuen aldetik, txikiak eta ez-orokortuak izan arren, ematen ari diren urratsek ireki duten aukera eta egoera berria probestu eta bultzatzeko beharra dago». Herritar bakoitzaren ekarpena «ezinbestekotzat» dute, presoen egoerari irtenbidea emateko eta salbuespen legedia bertan behera geratzeko.
Hori dela eta, urtarrilaren 9ra itxaron gabe, herritarrak kalera ateratzera deitu dituzte. Abenduko mobilizazioek lau aldarri nagusi izango dituztela azpimarratu dute: haur motxiladunek gurasoekin egon behar dutela, etxeratze prozesua ahalbidetzen duen gradu progresioa preso guztiei aplikatu behar zaiela, urruntze politika behin betiko amaitu behar dela eta larriki gaixo diren presoak etxean egon behar dutela.
|
2020-12-9
|
https://www.berria.eus/albisteak/190894/joxean-sagastizabalen-deabruak-eta-umorea-andromedan.htm
|
Kultura
|
Joxean Sagastizabalen deabruak eta umorea, 'Andromedan'
|
Nobela laburra argitaratu du idazleak, Erein argitaletxearekin. Baziren hamalau urte fikzio lanik ez zuela argitaratzen, eta apaiztegitik atera berritan mundu normalarekin topo egiten duen gizon gaztea bihurtu du protagonista.
|
Joxean Sagastizabalen deabruak eta umorea, 'Andromedan'. Nobela laburra argitaratu du idazleak, Erein argitaletxearekin. Baziren hamalau urte fikzio lanik ez zuela argitaratzen, eta apaiztegitik atera berritan mundu normalarekin topo egiten duen gizon gaztea bihurtu du protagonista.
|
24 bat urteko gizon apaiztu berri bat, Juantxo izenekoa, apaiztegitik irtendakoan mundu normalarekin topo egin duena. Haren nagusiak, gotzainak, hots egiten dio, Santa Agedako parrokian zerbait oso xelebrea gertatzen delako. Eta hor doa Juantxo Santa Agedara, ikertzera, eta hamaika gauza gertatuko dira bere inguruan. Maitasun istorio bat ere bai, eta deabruak, aingeruak, zerua eta infernua.
Horixe Joxean Sagastizabalen (Eibar, Gipuzkoa, 1956) Andromedan nobela laburraren sinopsi posible bat. Eta helburua: «Tristeak kontsolatzeko makina txiki bat izan dadila», Anjel Lertxundik 1981ean Ereinekin argitaratu zuen narrazio liburua gogora ekarriz. Haren Tristeak kontsolatzeko makina izan da Sagastizabalen nobelaren inspiratzaileetako bat, izan ere. Itxialdian irakurri dituen euskarazko bost liburuek aurretik irakurriak zituen hamaikekin ateratako ondorioa berretsi besterik ez duelako egin, azaldu duenez: «Euskarazko literatura oso tristea da. Horrekin ez dut esan nahi txarra denik, inondik ere, baina nire liburuxka hau bada ahalegin txiki bat poztasun pixka bat ekartzeko gure mundu triste honetara». Horretarako, aurreko bere fikzio lan ia guztietan konstantea izan den ezaugarriari eutsi dio idazleak oraingo honetan ere: umoreari. «Eta aurrera dezaket happy end erabatekoa daukala nobelak».
Teologoa eta exorzista
Andromedan-en genesian, Lertxundiz gain, badira beste bi pertsona ere. Bata, Origenes teologoa, Apokatastasiaren dotrinaren sortzailea; «kristautasunaren Aitetako bat», Sagastizabalen esanetan. «Origenesek zioen denok hain ongi ezagutzen dugun kristautasunaren infernua ez zela betirako, Jainkoak sortu dituen guztiak egunen batean bueltatuko direla beren sortzailearengana». Horrek esan nahi luke Satan bera eta gainerako deabru guztiak egunen batean bueltatu egingo direla jainkoaren besoetara. «Orduko eta gaurko Elizarentzat, tesi hori heresia bat zen»; eta, ondorioz, Origenesen Apokatastasitik «asko» ekarri du Sagastizabalek nobela berrira.
Batxilergoko ikasle zela ezagutu zuen idazleak II. mendean jaio eta III.an hil zen Origenes, 12 urterekin. «San Bernardo, San Geronimo eta Origenes batera ezagutu nituen, fraide ikastetxe batean ikasle nintzela, eta egungoko inpresioa egin zidan». Ez zen gutxiagorako: haragizko tentazioaren aurrean, San Geronimok bere burua larrugorrian elurretara bota zuela esan zioten; San Bernardo sasi artera bota zela; eta Origenesek bere burua zikiratu zuela. «Hori kontatu ostean, egin ziguten galdera zen: 'zeuk zer egingo zenuke?'. Eta guk, gure 12 urteekin, galdera horri erantzun behar izan genion».
Sagastizabalen azken liburuko hirugarren inspiratzaile nagusiak ere, bada, badu zerikusirik Eliza Katolikoarekin eta deabruekin: Jose Antonio Fortea izena du, eta exorzista da Alcala de Henaresko (Madril) gotzaitegian. «Gotzaindegi bakoitzak du bere exorzista. Bihar edo etzi hemen bertan Satan agertu eta norbaitez jabetuko balitz, Munilla jaunak izango luke nori deitu, exorzismoa egin zezan». Fortea exorzista, bada, idazlea ere bada. «Zoragarria», gainera. Batez ere, bere lanak serio irakurtzen ez direnean. «Bi tesi idatzi ditu, tochus terribilis motakoak: Summa daemoniaca eta La tiniebla en el exorcismo. Milaka orrialde». Biak irakurri ditu Sagastizabalek. Goitik behera. Hilabeteak behar izan ditu horretarako. Hala, «Fortearen mundu ezin eroago baina ikaragarri entretenigarri horretatik badago zerbait nobela honetan».
Erlijioa ez da berria Sagastizabalen lanetan. Duela lau urte Pamielarekin eman zuen Peru Apreta, mistikoa saiakeran, esaterako, zentrala zen. Urtebetean idatzi zuen hura, baina bizpahiru behar izan zituen aurretik irakurtzeko, idazketa hura prestatzeko. «Orduko irakurketak ondo etorri zaizkit nobela hau idazterakoan. Eta liburu honetarako dokumentatzen ere denbora asko pasatu dut. Gero, idazten, ez hainbeste».
Budista da Sagastizabal, eta azken urteetan taoismoan dago murgilduta. Webgune eta irrati kate ultra-katolikoetan kuxkuxeatu zale dela aipatu du aurkezpenean, eta nabarmendu du mundua ez dagoela ulertzerik erlijio nagusien inguruan «zerbait gutxienez» jakin gabe.
Kutsidazu bidea, Ixabel (Alberdania, 1994) da Sagastizabalen lanik ospatuena eta ezagunena, zalantzarik gabe. Andromedan-en aurkezpenean, idazlearen lan guztiak lotzen dituen umore soka nabarmendu du Inazio Mujikak, Ereineko editoreak: «Topikoa da beharbada, baina nik beti esaten diot Joxeani berea komiki bat dela, idatzia. Album ilustratua egin daiteke bere lan gehienekin. Honekin ere bai».
|
2020-12-9
|
https://www.berria.eus/albisteak/190895/urtarrileko-bigarren-hamabostaldian-hasiko-da-txertaketa-nafarroan.htm
|
Gizartea
|
Urtarrileko bigarren hamabostaldian hasiko da txertaketa Nafarroan
|
Zahar etxeetako egoiliarrak eta osasun arloko langileak izango dira hura hartzen lehenak.
|
Urtarrileko bigarren hamabostaldian hasiko da txertaketa Nafarroan. Zahar etxeetako egoiliarrak eta osasun arloko langileak izango dira hura hartzen lehenak.
|
Nafarroako Osasun kontseilari Santos Indurainek jakinarazi du noiz hasiko den lurralde hartan txertoa jartzeko kanpaina: okerrik ezean, urtarrileko bigarren hamabostaldian ekingo diote, pertsona «zaurgarrienetatik» hasita. Kontseilariaren esanetan, Espainiako Gobernuarekin eta gainerako autonomia erkidegoekin elkarlanean ari dira, prozesua aurrera eramateko plan bat osatzeko. Aldaketarik ezean, Pfizerrek garatutako txertoa erabiliko dute.
Txertoa hartzen lehenak «zahar etxeetako egoiliarrak, eta osasun arloko langileak eta soziosanitarioak» izango dira. Ondoren, «era mailakatuan», gainerako kolektibo zaurgarrietara zabalduko da deialdia. Hala, herritarren gehiengoak ekainetik aurrera izango du txertoa jartzeko aukera. «Gure proposamena txertoak jaso ahala kolektibo guztietara iristea da», azaldu du kontseilariak.
Indurainen esanetan, gripearen aurkako txertaketa kanpainen antzeko prozesu bat egingo du. Hala, urteetako esperientzia «sendoa» dutela azpimarratu du. Hura bezala, COVID-19aren aurkakoa jartzea ere boluntarioa izango da. Halere, herritarren erantzun ona espero du kontseilariak, txertoak «segurtasuna eta eraginkortasuna» bermatuta baititu.
|
2020-12-9
|
https://www.berria.eus/albisteak/190896/ofizialtasuna-galdegiteko-eskatu-diote-futbol-federazioari.htm
|
Kirola
|
Ofizialtasuna galdegiteko eskatu diote futbol federazioari
|
Ainhoa Tirapuk, Asier Illarramendik, David Zurutuzak eta Asier Riesgok egin dute eskaria, agiri baten bitartez, orain dela bi urte Durangon eskatutakoa betetzeko.
|
Ofizialtasuna galdegiteko eskatu diote futbol federazioari. Ainhoa Tirapuk, Asier Illarramendik, David Zurutuzak eta Asier Riesgok egin dute eskaria, agiri baten bitartez, orain dela bi urte Durangon eskatutakoa betetzeko.
|
Duela bi urte FIFAn eta UEFAn euskal selekzioaren ofizialtasuna eskatzea adostu zuten EAEko Futbol Federazioaren Batzar Nagusian. Bi urte igaro dira geroztik, baina federazioak ez du urratsik egin. Luis Mari Elustondo presidentearen agintaldia amaitzear da, eta eskaria egitea galdegin diote Ainhoa Tirapu, Asier Illarramendi, David Zurutuza eta Asier Riesgo futbolariek. Tirapuk eta Zurutuzak aurreko sasoian hartu zuten erretiroa, eta Illarramendik eta Riesgok jokatzen segitzen dute.
Agiri baten bidez eskatu dute, eta EH Kirolak taldeak eman du horren berri. Gogorarazi dute larunbatean, abenduaren 12an, bi urte beteko direla Durangon batzordeak eskaria egin zuenetik, ia aho batez, eta kexu agertu dira oraindik ez delako bete. "Orduan ulertu genuen batzarrak ia aho batez emandako baietzak eskaera bideratzea ekarriko zuela. Baina bestela gertatu da".
Lau jokalariek gogorarazi dute "urte askoan" erakutsi dutela selekzioarekiko konpromisoa. "Horrek bultzatu gaitu ofizialtasuna aldarrikatzera eta antolatu diren lagunarteko partidak jokatzera". Noizbait ere planto egin behar izan dutela oroitarazi dute: "Uste izan dugunean partida horiek gure selekzioak nazioartean lehiatzeko aurrerapausorik ez zirela".
Selekzioarekiko konpromisoari eusten diotela nabarmendu dute. "Betiere ofizialtasunaren bidean aurrera egitekotan". Ildo horretan, ezinbestekotzat jo dute batzar nagusiak agindutakoa betetzea.
Elustondoren adierazpenak
Euskal selekzioak azaroaren 16an jokatu zuen azken partida, Costa Ricaren kontra. 2-1 irabazi zuen, eta FIFAk selekzioentzat gordetako datetan hirugarrena izan zen. Horren ostean, oihartzuna izan zuten Luis Mari Elustondo EAEko Futbol Federazioko presidenteak Radio Euskadin egindako adierazpenek. Bertan, adierazi zuen aurreakordio bat zegoela Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean, euskal selekzioek nazioartean lehiatzeko bidea abiatzeko. Baina gero Elustondok atzera egin zuen, eta, Cope irratian egindako adierazpenetan, gauzak ez zituela ondo azaldu esan zuen. "Aurreakordio hori ez da existitzen. Ez nituen gauzak behar bezala azaldu, sentitzen dut. Pedro Sanchezen inbestidurarako EAJk eta PSOEk sinatutako akordioaz ari nintzen. Akordio horretako puntuetako batean, esaten zen Sanchezek beharrezkoak ziren erreformak egiteko konpromisoa zuela, eta bide hori abiatzekoa".
Elustondok adierazi zuen ofizialtasuna "mantso, akordioekin eta harmonia onean" egin beharreko zerbait dela. "Lortuz gero, euskal zaleen pozgarri izango da". Baina argi esan zuen: "Gu ez gara sekula pankarta eta oihu batekin aterako". FIFAra eta UEFAra jotzeko duela bi urte Durangoko bileran lortutako akordioaz ere mintzatu zen. "Hiru batzar informatibo egin ziren, eta hor adostu zen tramitazio edo bide hori abiatzea. Baina ordutik ez dugu urratsik egin. Ez diogu erakunde horiei ez eskutitzik, ez bestelako komunikaziorik bidali". Hurrengo zuzendaritzak egin beharko du lan hori, urte hasieran izango baitira hauteskundeak.
Baina berriro nabarmendu zuen: "Pazientziaz egin beharreko kontua izango da, eta, lortuz gero, gure seme-alabek edo bilobek ikusiko dute" .
|
2020-12-9
|
https://www.berria.eus/albisteak/190897/erakunde-publikoek-itp-estutu-behar-dute.htm
|
Ekonomia
|
«Erakunde publikoek ITP estutu behar dute»
|
PCBko langileek eragile publikoen inplikazioa eskatu dute 136 kaleratzeak eragozteko. Behin behineko neurriak aski direla uste dute.
|
«Erakunde publikoek ITP estutu behar dute». PCBko langileek eragile publikoen inplikazioa eskatu dute 136 kaleratzeak eragozteko. Behin behineko neurriak aski direla uste dute.
|
Precision Castings Bilbaoko (PCB) langileek ITP Aerori «presio egiteko» eskatu diete erakunde publikoei, haien ustez enpresak egin nahi dituen 136 kaleratzeak eragotzi daitezkeelako. Horretarako, baina, ITP «behartu» egin beharko dute, eta Jaurlaritzak, Bizkaiko Aldundiak, eta Sestao eta Barakaldoko udalek horretarako ahalmena dutela uste dute. Era berean, partida kalean ere jokatuko dela argi dute, eta hainbat mobilizazio deitu dituzte Ezkerraldean hurrengo egunetarako.
«Sestaoko eta Barakaldoko ITP plantak dira egun Ezkerraldeko enpresarik garrantzitsuenak. Ezin dugu onartu eskualdean enplegua suntsitzen jarraitzea, are gutxiago eragotzi daitekeenean». Angel Rodriguez Precision Castings Bilbao langile batzordeko presidenteak (CCOO) hitz horiekin laburbildu du langileen. ITP Aeroren fundizioa da PCB, eta 136 langileri eragingo dion erregulazio espediente bat du mahai gainean. Hilaren 23ra arte negoziatuko dituzte neurriaren baldintzak langileekin. Egun 405 langile dira, finkoak denak, eta 45 urteko batez besteko adinarekin. Dena den, urtarrilean 620 langile inguru ziren, eta enpresak ez die kontratua berritu behin-behinekoei.
Langile batzordeak argi du zeintzuk diren negoziazio mahaian jokatu nahi dituen kartak. «Aurreikuspenen arabera, 2022. urterako susperraldi argia espero da hegazkigintzan. Beraz ez dugu ulertzen enpresak egiturazko neurriak hartzea», azaldu zuen Rodriguezek. Aurretik, baina, 2021. urtea dago, eta horri aurre egiteko behin behineko neurriak proposatu dituzte bileretan. «Urte zaila izango da, eta litekeena da jaitsiera izatea eskaeretan. Baina badaude kaleratzeak eragozteko neurriak: aldi baterako erregulazioak... Hortik jo behar du konponbideak, eta urtebete barru egoera berriz aztertu». Sindikatuen arabera, ITP taldeak 105 milioi euroko irabazi zituen 2019an.
Enpresak negoziazioetan esan duenez, 2021.ean ia erdiraino jaitsiko da ekoizpena, baina batzordean uste dute ez dela hainbesterako izango. Gainera dagoeneko lantaldea murriztua dago behin behinekoen kaleratzeekin. Mugimenduen atzean, baina, beste aldagai bat dago: Rolls Roycek ITP Aero saldu nahi du; eta erregulazioak asmo horrekin lotura izan dezakeela iritzi diote sindikatuek. Gauzak hala, erakunde publikoen laguntza eskatu dute. «Jarrera argia erakutsi behar dute. Hitzetatik ekintzetara pasatu behar dute eta enpresa presionatu langileen adosturiko irtenbide bat exijitzeko». Sektorean inbertsio publiko handiak egin direla nabarmendu du Rodriguezek, eta hortik iritsi daiteke presiobidea.
Iragan astean ELA sindikatuak jakinarazi zuen «epe ertainean» lankarga berria espero dutela ITPk Zamudion (Bizkaia) duen plantan. PCBn harentzat egiten dute lan, eta albiste ona dela badakite, baina egun epe motzagoko neurriak behar dituztela esan zuen Rodriguezek. Horiek lortzeko, bederatzi eguneko grebaldia eta hainbat mobilizazio antolatu dituzte hurrengo bi asteetarako. Nagusiak etziko eta hurrengo larunbateko martxak dira. «Ezkerraldean egin nahi duten harrapaketa eragozteko eskualde osoaren beharra dugu».
LAN GATAZKA PCB ITP Castingseko lan erregulazio espedientearen baldintzak negoziatzeko epea hilaren 23an bukatuko da. Enpresak 136 langile kaleratu nahi ditu, eta urtarrilaz geroztik ez die kontratua berritu behin behineko 120 langileri.
Protestaldiak Grebak. Egun osokoak—zortzi ordukoak txandako— 23ra arte, bihar izan ezik. Bederatzi egun guztira. Mobilizazioak. Bi martxa handi: etzi (11:30), Barakaldo-Sestao; eta 19an (11:30), Sestao-Barakaldo. 14an eta 22an ere manifestazioak egingo dituzte Barakaldon. 17an kontzentrazioa egingo dute Eusko Jaurlaritzaren aurrean, Gasteizen; eta 18an Bizkaiko Aldundiaren egoitzaren aurrean, Bilbon.
Bilerak Enpresarekin. Gaur, eta hilaren 16an, 21ean eta 23an. Eskaerak. Langile batzordeak kaleratzeak saihestu daitezkeela uste du. Aldi baterako erregulazio luze bat onartzeko prest legoke.
|
2020-12-9
|
https://www.berria.eus/albisteak/190898/gure-historia-da-etorkizuna-plazaratu-du-katakrakek.htm
|
Kultura
|
'Gure historia da etorkizuna' plazaratu du Katakrakek
|
Amaia Astobizak eta Danele Sarriugartek itzuli dute Nick Estes historia irakasle eta militante indigenaren lana, eta Garbiñe Elizegik idatzi du hitzaurrea.
|
'Gure historia da etorkizuna' plazaratu du Katakrakek. Amaia Astobizak eta Danele Sarriugartek itzuli dute Nick Estes historia irakasle eta militante indigenaren lana, eta Garbiñe Elizegik idatzi du hitzaurrea.
|
«Existitzen dira liburuak Durangoko Azokaren ondoren ere». Azokaren biharamunean, ezin zuen bestela hasi aurkezpena Hedoi Etxarte Katakrakeko kideak. Azaldu duenez, pandemiarekin euskarazko argitalpenen adarrerako pentsatutako bi liburu erori zaizkie aurten, baina horietako bat berreskuratzera heldu dira, eta atzo aurkeztu zuten: Nick Estes historia irakasle eta militante indigenaren Gure historia da etorkizuna. «Guretzat liburu hau apustu bat da, publikatzen dugun lehenengo historia liburua baita». Nahiz eta gehitu duen historia dagoela euren lan guztien atzean. «Baina stricto sensu, historia liburu bat publikatzen dugun lehen aldia da, eta autorearen bi arimak harilkatzen ditu: Ipar Ameriketako azpiegitura handien kontrako mugimendu indigenen erresistentzian ari den militantearena eta irakaslearena». Bi ahotsak datoz nahasian liburuan, hura osatzen duten zazpi ataletan. Danele Sarriugartek eta Amaia Astobizak euskaratu dituzte, eta Garbiñe Elizegik jantzi du hitzaurre batekin. Etxarte: «Bi mendeko kolonizazio prozesuaren eta, aldi berean, erresistentziaren kontaketa bat da, batzuetan nazioarteko esferatik, besteetan komunitate jakin batetik; laudorio handiak jaso dituena, sintesi eta aberastasun gaitasunengatik».
Urtebete pasa besterik ez du jatorrizko lanak, eta non deskubritu zuten kontatu du Etxartek. Amy Goodman kazetariak gidatutako Democracy Now telebista saioan izan zen —«saio erreferentziala pentsamendu kritikoan»—; elkarrizketa egin zioten Estesi, eta egunotan berrikusi eta orduko gaurkotasun berretsi du Etxartek. «Planteatzen delako zein harreman dagoen kolonizazioaren, genozidioaren, suntsitutako kulturen eta kapitalismoaren garapenaren artean, baina baita ere esaten duelako ez dagoela akordio berde posiblerik merkatua zentroan jarrita, zapaltzen delako mendi horietan, herri horietan, ibai inguruetan bizi den jendea».
Luzeagoa da, izan, liburuaren izenburu osoa: Gure historia da etorkizuna. Standing Rock vs Dakota Access oliobidea, eta indigenen erresistentziaren tradizio luzea. Eta hor aipatuta datorren Dakota Acess oliobidearen kontrako erresistentziaren historiarekin abiatzen da, hain justu, lehen atala. Zazpi komunitatek osatzen duten Oceti Sakowin herriko jende indigena da protagonista, Missouri ibaiaren ondoan bizi dena. 2016a da; energia konpainia handi batek han zulaketak egiteko asmoa agertu du, eta ura arriskuan jarri du hala. «Baina ez bakarrik», zehaztu du Sarriugartek . «Proiektuaren kontrako erresistentzia handi bat abiatzen da, eta Estesek erresistentzia horren aurrekariak erakusten ditu, nola izan zen kolonizazio modua, zer tresna biolento erabili ziren». Bada, irakurketak bi tonu uztartzen dituela adierazi du: «Gogorra da, baina, aldi berean, etengabe dago etsitzen ez duen herri bat, era ezberdinetako borrokak egin dituena azken 200 urteetan».
Denboraren kosmobisioa
Beste alderdi bati ere jarri dio azpimarra Sarriugartek: Ameriketako natiboen kosmobisoari. Haien ikuspegian, iragana, oraina eta etorkizuna ez ei dira gauza bereiziak, «harreman batean» dauden kontzeptuak baizik. Estesek kolonoen edo Mendebaldeko historiaren ikuspegiarekin alderatzen du: «Aipatzen du nola kolonizatzaileek pentsatu nahi duten garapen bat dagoela historian, horrela pentsa dezaketelako iraganean egin zituzten eta harrotzen ez dituzten gehiegikeria horiek jada pasatu direla; eta haiek [indigenek] ez dute horrela ikusten; haiek ikusten dute nolabait iragana eraikiz lortuko dutela etorkizuna eraikitzea, iraganaren kontaketa hori etorkizunaren kontaketaren parte bat dela». Ikusmolde hori jasotzen du, hain justu, izenburuak.
Bufalo bat agertzen da azalean, eta horrek liburuko beste elementu garrantzitsu bat irudikatzen duela ekarri du gogora itzultzaileak: senidetza. «Senideak beste herriak dira, baina baita bufaloak, mendia, ibaiak ere». Kolonizazio hasieran indigenek bufaloei esker euren bizimoldeari eutsi ahal izan ziotela azaldu du, jatekoa eman zielako, harik eta kolonizatzaileek bufalo populazioa hiltzeari ekin arte. «AEBetako armadakoek bufaloak hiltzen zituztenean, azalgorriak deitzen zieten, indigenei bezala; haiek hiltzean, aldi berean indigenak hiltzen ari zirela sentitzen zuten».
Profetak, Setioa, Sorrera, Gerra, Uholdea, Red Power, Internazionalismoa, Askapena. Historia kolonialak eta dekolonialak talkan egindako bidea aletzen dute zazpi atalek, zehatz jasoz gertakariak, erabakiak, beren izen, data eta xehetasunekin, gaur arteko auzietara helduz. Izenen kasuan, Astobizak aipatu du Ataramiñek aurten emandako Zaldi zoro izan dutela erreferente horiek itzultzerakoan, Aitor Fresnedok euskaratutako lanak dakarren izen indiarren zerrenda.
Euskaldunetara etorrita
Ameriketako indigenen historia Euskal Herriko testuingurura ekarri du Elizegik hitzaurrean, Dakotako tribu batean lanean emandako sasoia gogoan. Aldeak alde, ideia bat azpimarratu du: urrun izanagatik, «herri kolonizatuek» antzeko prozesuak bizi izan dituztela. «Helburu bera da: herri bat desagerraraztea». Alde bat aipatzera, kolonizatu aurreko historiaz euskaldunak indiarrak baino desjabetuago antzematen dituela esan du, eta eguneroko erresistentzien balioa nabarmendu. «Hizkuntzarena, lurraren defentsarena, lurrari lotutako bizimoduarena... maizago irakurri beharko genituzke jatorrizko herrietatik heltzen diren irakurketak; nahita edo nahi gabe, geure buruari harrika aritu ohi gara maiz patroi batzuk errepikatuz».
|
2020-12-9
|
https://www.berria.eus/albisteak/190899/ostalaritza-berriro-irekiko-da-araban-bizkaian-eta-gipuzkoan.htm
|
Gizartea
|
Ostalaritza berriro irekiko da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan
|
LABIren aholku batzordeak erabaki du udaletatik atera ahal izatea eta konfinamendu perimetrala lurralde historikoa mugatzea. Autonomia erkidegotik atera ahal izango da abenduaren 23tik 26ra eta abenduaren 30etik urtarrilaren 2ra.
|
Ostalaritza berriro irekiko da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. LABIren aholku batzordeak erabaki du udaletatik atera ahal izatea eta konfinamendu perimetrala lurralde historikoa mugatzea. Autonomia erkidegotik atera ahal izango da abenduaren 23tik 26ra eta abenduaren 30etik urtarrilaren 2ra.
|
Terrazez gain, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako taberna eta jatetxeen barruan edukieraren %50era arte sartu ahal izatea baimendu du LABiren aholku batzordeak. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ohartarazi du maskara jartzea «derrigorrezkoa» izango dela uneoro, jateko eta edateko uneetan ezik.
Barran ezingo da kontsumitu, ez zutik, ez eserita. Erabiltzaileek mahai baten inguruan eseri beharko dute. Ostalaritza 06:00etatik 20:00etara arte egon ahalko da irekita. Dena den, intzidentzia tasa 100.000 biztanleko 500 positibotik gora duten herrietan itxita jarraituko du. Horrez gain, terrazetan ez erretzeko gomendioa egin du lehendakariak.
Momentu honetan, Bizkaiko bi herri (Arrigorriaga eta Ermua) eta Gipuzkoako hiru herri (Arrasate, Eibar eta Ordizia) bakarrik daude 100.000 biztanleko 500 kutsatutik gorako kasuen artean, alde batera utzita herri txikietako datuak. Bost herri horietan ezingo dute ostatuek oraingoz ireki.
Halaber, urriaren 26tik mugikortasuna mugatzen duen dekretua malgutuko dute: herritik sartu eta irten ahal izango da, baina ez probintziatik —hots, arabarrak Araban zehar mugitu daitezke, bizkaitarrak Bizkaian zehar eta gipuzkoarrak Gipuzkoan zehar—.
Eguberriei dagokionez, neurri hori malgutu egingo dute. Iragan asteazkenean Espainiako Gobernuak erkidegoekin batera hitzartutako neurrietako batzuk aldatzea eta gogortzea erabaki baitu LABIk. Ospakizunetan erkidegotik atera edo sartu ahal izango da, baina soilik abenduaren 23tik 26 bitartean eta abenduaren 30etik urtarrilaren 2ra bitartean —eta ez abenduaren 23tik urtarrilaren 6ra bitartean—.
Halaber, abenduaren 24an, 25ean, 31n eta urtarrilaren 1ean gehienez hamar lagun bildu ahal izango dira, Madrilekin hitzartu bezala: «Iradokitzen da, batetik, hamar pertsona horiek bi bizikidetza unitatekoak izatea eta, bestetik, berdinak izatea ospakizun desberdinetan».
Abenduaren 24an zein 31n, etxeratzeko agindua 01:30era luzatuko dute, eta gainerako egunetan 22:00etan izaten jarraituko du.
Horrez gain, «pertsonen pilaketak eragiten dituzten ekitaldiak debekatu egingo dira»: hala nola, Gabon gaueko eta errege bezperako kantu taldeak, kaleko jaiak, santomasak, abenduaren 31ko herri lasterketak, kabalgatak eta gainerako ekitaldiak.
Seiko taldeak
Eguberriez aparte, sei pertsonetako taldetan kirol federatuko entrenamenduak egin ahal izango dira. Eta %30eko okupazioa duten aldagelak erabili ahal izango dira, baita dutxak ere, «beti ere banaka». Kirol arloko gainerako murrizketek indarrean jarraituko dute.
Bada aldaketarik, baina: maskararen erabilera intentsitate handiko ariketetan ez derrigortzearen alde egin du LABIk, OME Osasunaren Mundu Erakundearen aholkuari kasu eginda. Toki itxietan eta jende asko ibiltzen den hiri eremuetan egiten diren kiroletan, ordea, beti erabili beharko da.
Eguberrietako oporren ondoren, urtarrilaren 11n, murrizketak malgutzeko aukera aztertuko du LABiren aholku batzordeak, «beti ere pandemiaren bilakaeraren arabera».
Gabon garaian, adinekoentzako egoitzetan bisitak egiteko araudia ere malgutuko dutela adierazi du Urkulluk, baina ez du gaiaren inguruko xehetasunik eman.
|
2020-12-10
|
https://www.berria.eus/albisteak/190929/aretxabaletako-merkatari-txikiak-inperioaren-kontra-eguberrietako-bideoan.htm
|
Ekonomia
|
Aretxabaletako merkatari txikiak inperioaren kontra, Eguberrietako bideoan
|
Aretxabaletako merkatari txikiak inperioaren kontra, Eguberrietako bideoan.
|
Dagoeneko tradizio bihurtu da Aretxabaletako (Gipuzkoa) merkatari txikiek Eguberritan bideo bat plazaratzea, herritarrei eskatzeko herrian bertan egin ditzaten erosketak. Aurtengoan, nola ez, koronabirusaren izurriak eragin du.
Kepa Errasti herriko aktorearen laguntza eduki dute, eta Monty Pythonen Brianen bizitza filmean oinarritu dira. Izan ere, merkatari txikiek ere inperio baten borrokaren erdian daude: ez Erromakoa, baizik eta Amatzon deiturikoa. Gurutzetan agertzen dira herriko merkatari martiriak. Baina filmean bezala, egoera ezin latzagoa izan arren, mezua positiboa da: Always Look on the Bright Side of Life (Erreparatu beti bizitzaren alde argiari) amaierako kantua euren egoerara ekarri dute: Bizipoza ez dusku inork eruengo! (Bizipoza ez digu inork eramango!) abesten dute Errastik, merkatariek eta herritarrek, Gabonetako argiz inguraturik.
Euskaldunon Egunkaria-ren itxieraren inguruko Sisiforen paperak antzezlanean dabil Errasti egunotan.
2014tik, umorez
Urtero bideo umoretsu baten bidez egiten diote aurre merkatariok egoera latzari. Iazkoan, La casa de papel telesaila hartu zuten aintzat. Itziar Ituñok lagundu zien orduan.
2018. urtean, Kataluniako procés-ean eta Carles Puigdemont orduko presidentearen egoeran oinarritu ziren.
2017an eduki zuten lagun, lehen aldiz, Errasti aktorea, Freddie Mercuryrena egiten, Queenen Somebody to Love kantarekin.
Aurreko urtean, Olentzero berak hartu zuen parte bideoan.
2015ean, Darth Vader herrira eraman zuten, orduan ere merkatariak alde argira eramateko.
Esan bezala, 2014. urtean hasi zuten Eguberrietan bideoak egiteko tradizioa. Orduan Bizarzuri jarri zuten, gero urtero behin eta berriz zabalduko zuten mezua barreiatzen: erosi herrian bertan.
|
|
2020-12-10
|
https://www.berria.eus/albisteak/190930/bruselak-eta-londresek-igandera-arte-negoziatzen-jarraituko-dute.htm
|
Ekonomia
|
Bruselak eta Londresek igandera arte negoziatzen jarraituko dute
|
Urrats handirik ez zen izan Von der Leyenen eta Johnsonen arteko afarian.
|
Bruselak eta Londresek igandera arte negoziatzen jarraituko dute. Urrats handirik ez zen izan Von der Leyenen eta Johnsonen arteko afarian.
|
Akordiorik gabeko brexit baterako aukera handitu egin da nabarmen asteazken gaueko bileraren ondoren. Europako Batzordeko eta Erresuma Batuko ordezkariek onartu zuten desadostasun handiak dituztela, eta bilerak ez zuen askorik balio izan tarte hori ezabatzeko.
Von der Leyenek eta Johnsonek erabaki zuten azken aukera bat ematea negoziazioei. Igandera arteko epea eman zioten beren buruari "erabaki irmo bat" hartzeko. Akordiorik bada, bi aste eta erdi izango dituzte parlamentuek adostutakoa berresteko; ez bada akordiorik, tarte hori izango dute aduanak egoera berrira egokitzen bukatzeko. Izan ere, merkataritza librerako akordiorik ez bada, Europako Batasunetik Erresuma Batura eta alderantziz doazen produktuek muga zergak ordaindu beharko dituzte, eta mugetan kontrolatu beharko dituzte, bi aldeetako arauak betetzen dituztela egiaztatzeko. Hori egin behar izateak geldotu egingo du bien arteko merkataritza, eta kalte ekonomiko handia eragin dezake, batez ere Erresuma Batuan, produktu asko inportatzen dituelako EBko herrialdeetatik.
Negoziazio taldeek berriro ekin diete negoziazioei, Bruselan. HIru dira eztabaidagai nagusiak. Batetik, zer sarbide izango duten EBko arrantzaleek Ingalaterrako eta Eskoziako ur aberatsetan. Bigarrenik, nola egiaztatuko duten elkarri lehia bidegabea ez diotela egingo, lan, ingurumen eta estatu laguntzei buruzko araudien bitartez. Azkenik, nola konponduko dituzten desadostasunak, halakorik sortzen bada.
|
2020-12-10
|
https://www.berria.eus/albisteak/190931/positibo-tasa-63-da-hegoaldean.htm
|
Gizartea
|
Positibo tasa %6,3 da Hegoaldean
|
Atzo 8.437 PCR eta antigeno proba egin ziren Hego Euskal Herrian, eta horietatik 533 positibo izan ziren.
|
Positibo tasa %6,3 da Hegoaldean. Atzo 8.437 PCR eta antigeno proba egin ziren Hego Euskal Herrian, eta horietatik 533 positibo izan ziren.
|
Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak eguneratu egin dituzte kutsatu kopuruen datuak, eta, azken zenbaketaren arabera, beste 533 kasu erregistratu dira, bezperan baino hiru gutxiago. Hala ere, PCR eta antigeno proba gehiago egin ziren atzo, eta beraz, positiboen ehunekoak gora egin du azken orduetan. Zehazki, 8.437 test egin ziren atzo Hego Euskal Herrian, eta horietatik %6,3k eman zuten positibo. Bezperan, ordea, proben %5,7 izan ziren positibo.
Eusko Jaurlaritzako osasun agintariek eman berri dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoari dagozkien datuak, eta azpimarratzekoak dira hauek: atzo 6.767 PCR eta antigeno proba egin zituzten, eta horietatik 446 izan ziren positibo. Hortaz, positiboen ehunekoa %6,6 da hiru lurraldeetan. Lurraldeka, Araban 99 kasu erregistratu dituzte, Bizkaian 210, eta Gipuzkoan 135. Beste bi positiboak EAEtik kanpo bizi diren herritarren artean erregistratutakoak dira. Aurreko egunarekin alderatuta, Araban egin dute gora positiboek: 26 gehiago zenbatu dituzte. Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, behera egin dute: Bizkaian hamazazpi positibo gutxiago erregistratu dituzte, eta Gipuzkoan, zortzi gutxiago.
Ospitelaratzeei buruzko datuak ere eman ditu Osakidetzak. Atzo, beste 54 lagun ospitaleratu zituzten koronabirusagatik Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan, eta oraintxe 116 lagun daude hiru lurraldeetako ZIUetan.
Nafarroako Gobernuak emandako behin-behineko datuen arabera, berriz, azken orduetan beste 87 kasu erregistratu dituzte herrialdean. Bezperan atzemandako positibo kopuru bertsua da —86 positibo zenbatu zituzten—, baina test gehiago eginda. Izan ere, asteartean 1.057 test egin zituzten, eta horietatik %8,1k eman zuten positibo. Atzo, berriz, PCR eta antigeno proba gehiago egin zituzten (1.670 guztira), eta horietatik %5,2k eman zuten positibo.
Positibo gehien duten udalerri edo eskualdeei dagokienez, denak daude hamar kasuren azpitik. Besteak beste, launa positibo zenbatu dituzte Burlatan, Mutiloan eta Iruñeko Arrosadia auzoan, eta hiruna Ablitas, Noain eta Iruñeko Txantrea auzoan.
|
2020-12-10
|
https://www.berria.eus/albisteak/190932/frantziak-google-eta-amazon-zigortu-ditu-bizitza-pribatua-urratzeagatik.htm
|
Ekonomia
|
Frantziak Google eta Amazon zigortu ditu, bizitza pribatua urratzeagatik
|
Interneten Frantziako arautzaileak ebatzi du konpainiek publizitate fitxategiak jartzen dituztela «aldez aurreko baimenik gabe». AEBetako 46 estatuk Facebook salatu dute, «monopoliogatik».
|
Frantziak Google eta Amazon zigortu ditu, bizitza pribatua urratzeagatik. Interneten Frantziako arautzaileak ebatzi du konpainiek publizitate fitxategiak jartzen dituztela «aldez aurreko baimenik gabe». AEBetako 46 estatuk Facebook salatu dute, «monopoliogatik».
|
Enpresa teknologiko handiei emandako su-etena amaituta, erasora jo du Frantziak. Bere mugen barruan fakturatzen dutenaren gaineko tasa bat ezartzearekin batera, isunen bidea hartu du. 100 milioi eurokoa jarri dio Googleri eta 35 milioikoa Amazoni, erabiltzaileen pribatutasuna urratzeagatik, publizitate fitxategi edo cookie-en bitartez.
Google.fr eta Amazon.fr zigortu ditu Informatikaren eta Askatasunen Frantziako Batzorde Nazionalak (CNIL). Ohartarazi du erabiltzaileen baimenik gabe haiei buruzko informazio ugari biltzen dutela bi enpresa horiek, ondoren publizitate pertsonalizatua proposatu ahal izateko aitzakiarekin, eta zeharkako diru sarrerak lortzeko. Erakunde horrek egiaztatu duenez, informazio abisuek ez dute leiho horien helburuei buruzko informazio argirik jasotzen, eta horiek erraz desaktibatzeko modurik ere ez diete eskaintzen erabiltzaileei.
Artxibo ezkutuak
Gainera, Googleri leporatzen dio artxibo bat gordetzea ordenagailuetan, ezer jakinarazi gabe edo iragarkien pertsonalizazioa kenduta ere. Ezkutuko artxibo horren bitartez, erabiltzaileek bilatzailean sartzen dituzten edukiak erregistratu eta jasotzen jarraitzen du konpainiak.
CNILek bi enpresa horiei agindu die informazio abisuak aldatzeko hiru hilabeteko epean; bestela, 100.000 euroko isun gehigarria jasoko dute igarotako egun bakoitzeko. 2019ko urtarrilean, CNILek 50 milioi euroko isuna jarri zion Googleri arrazoi beragatik.
Frantzia, halaber, azaro amaieran hasi zen enpresa handi horiei tasa berezi bat eskatzen, hainbat hilabetez izoztuta eduki ostean. Herrialdean fakturatzen dutenaren %3 eman beharko diote estatuari. Munduan Google tasa esaten zaio neurri horri, eta hainbat herrialdetan ezarri dute —Espainian urtarrilaren 1etik aurrera egongo da indarrean—. OCDEk eta Europako Batasunak oinarriak finkatu nahi dituzte, baina ezezko batzuekin egin dute topo: Irlandak eta Eskandinaviako herrialdeek esan dute ezetz, adibidez.
Lehiakideen kontrola
Frantziak ez ezik, AEBetako agintariek ere kezkaz begiratzen diote sareko erraldoiak biltzen ari diren botereari. Herenegun jakin zen 46 estatuk eta bi eskualdek Facebook salatu dutela «legez kanpoko monopolioagatik»; bere esku dauden Whatsapp eta Instagram saltzera behartu nahi dute. AEBetako agintarien ustez, Facebookek, bere estrategia oldarkorrarekin, bere lehiakideak kontrolatu nahi ditu, eta merkatua menderatu.
Auzia Europara ekarrita, Margrethe Vestager Lehiaren komisarioak esan du «interesgarria» eta «pozgarria» dela agintari estatubatuarrek egindako urratsa. Europan, Facebooken inguruko bi ikerketa martxan daude, baina, Vestagerren arabera, ez daude AEBetakoak bezain aurreratuta.
Aurretik ere egin du saiorik. Whatsappen erosketa ikertu zuen; zehazki, erabiltzaileen telefono zenbakiak Facebookeko profilekin lotzearen ondorioak aztertu zituen. Nahiz eta sare sozialak ziurtatu ez zuela hartuko neurri hori, azkenean hartu zuen, eta Europako Batzordeak 110 milioi euroko isuna jarri zion, modu engainagarrian jokatzeagatik. Bruselaren ikerketak, baina, ezin izan zuen frogatu Eurtopako lehiari buruzko legeak urratu zituenik.
|
2020-12-10
|
https://www.berria.eus/albisteak/190933/hiru-pertsona-hil-eta-17-zauritu-dira-badalonako-eraikin-batean-izandako-sutean.htm
|
Mundua
|
Hiru pertsona hil eta 17 zauritu dira Badalonako eraikin batean izandako sutean
|
Pabiloi huts batean piztu da sua. Lekukoen arabera, etxerik gabeko 150 lagun inguru zeuden han sutea hasi denean.
|
Hiru pertsona hil eta 17 zauritu dira Badalonako eraikin batean izandako sutean. Pabiloi huts batean piztu da sua. Lekukoen arabera, etxerik gabeko 150 lagun inguru zeuden han sutea hasi denean.
|
Bart gauean piztu zen sua Badalonako pabiloi batean. 150 lagunetik gora zeuden han lotan sutea hasi zenean. Inguruko bizilagunen arabera, migratzaileak bizi ziren han. Goizaldean, suhiltzaileek jakinarazi dute hiru gorpu aurkitu dituztela eraikinean, eta zaurituak gutxienez hamazazpi direla; haietako sei larri eraman behar izan dituzte erietxera. Hala ere, ohartarazi dute biktima kopuruak gora egin dezakeela datozen orduetan, besteak beste, ez dakitelako ziur zenbat jende zegoen eraikinean sua piztu zenean.
«Informaziorik gabe ari gara lanean, itsu-itsuan. Oraintxe ditugun datuak hipotesiak besterik ez dira. Inork ez digu jakinarazi barruan senide edo lagunik ote duen», azaldu du Miquel Samper Generalitateko Barne kontseilariak. Suhiltzaileek lanean jarraitzen dute sutea kontrolpean hartzeko, baina, lerro hauek idazteko unean, eraikina erortzea da arrisku nagusia. «Eraikinaren zati batzuk hasi dira erortzen», jakinarazi du Samperrek. Larrialdi zerbitzuetako kideak beldur dira eraikinaren barruan oraindik jende gehiago egongo ote den harrapatuta.
Badalonako alkate Xavier Garcia Albiolen esanetan, badira «zazpi edo zortzi urte» eraikina «okupatuta» dagoela. «Bizilagunek salaketa bat baino gehiago jarri izan dituzte, baina gaur arte Udaltzaingoak ezin izan du barrura sartu, horretarako epaile baten agindua behar zutelako, eta ez geneukalako halakorik. Beraz, ez dakigu zehazki zenbat jende bizi zen bertan».
|
2020-12-10
|
https://www.berria.eus/albisteak/190934/ehuko-ikasleen-14k-gantz-gehiegi-dute-gorputzean.htm
|
Gizartea
|
EHUko ikasleen %14k gantz gehiegi dute gorputzean
|
Unibertsitateak argitaratutako tesi batek seiehun ikasle baino gehiago elkarrizketatu ditu. Ondorioztatu duenez, oro har, ikasleen dieta proteina eta gantz askokoa da, eta karbono hidrato eta zuntz gutxikoa. Gainera, gehienetan, jarduera fisiko gutxi egiten dute, eserita denbora asko igarotzen dute, alkohola neurrian edaten dute, ez dute erretzen eta behar beste ordu egiten dute lo.
|
EHUko ikasleen %14k gantz gehiegi dute gorputzean. Unibertsitateak argitaratutako tesi batek seiehun ikasle baino gehiago elkarrizketatu ditu. Ondorioztatu duenez, oro har, ikasleen dieta proteina eta gantz askokoa da, eta karbono hidrato eta zuntz gutxikoa. Gainera, gehienetan, jarduera fisiko gutxi egiten dute, eserita denbora asko igarotzen dute, alkohola neurrian edaten dute, ez dute erretzen eta behar beste ordu egiten dute lo.
|
%14,4 da Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleen gainpisu prebalentzia. Hala ondorioztatu du Nerea Telleria Aranburu ikerlariak argitaratu berri duen tesi batek. Azaldu duenez, ikerketak « datu baliotsuak eman ditu ikasleen obesitatearen konplexutasuna eta dimentsio aniztasuna hobeto ulertzeko eta prebentzio eta tratamendu estrategiak diseinatzeko». Ikerketa EHU12/24 proiektuaren parte da.
Tesia osatzeko, seiehun ikasle boluntario baino gehiago elkarrizketatu dituzte, eta hainbat ondorio atera; besteak beste, dieta ohiturak eta bizitzeko erak aldagai demografikoekin eta ikasleak ikasten ari diren titulazioko jakintza arloarekin lotuta daudela. Telleriaren ikerketak dioenez, gorputzean gantz gehiegi izateko arrisku handiena gizonek dute, adin handieneko ikasleek, maila sozioekonomiko txikienekoek eta Osasun Zientzietako ikasketak egiten ari direnek.
Horrez gain, oro har, unibertsitateko ikasleek jarduera fisiko gutxi egiten dute, eserita denbora asko igarotzen dute, alkohola neurrian edaten dute, ez dute erretzen, eta behar beste ordu egiten dute lo, ikerketaren arabera. Eta zein dira obesitatearen arrisku faktoreak? Nagusiki, elikadura eredu desegokia, kalitate gutxiko dieta eta bestelako bizimodu ez-osasungarria. Horiek elkartzen badira, noski, nabarmen handitzen da gorputzean gantz gehiegi izateko arriskua.
Aztertutako ikasleei hainbat datu eskatu dizkiete: demografikoak, sozioekonomikoak, akademikoak, norberaren eta familiaren gaixotasun aurrekarienak, bizimoduaren ingurukoak, gorputz irudiaren ingurukoak, pisuaren kontrolarenak eta nutrizioaren arloko ezagutzarenak. Gainera, denei neurri antropometrikoak hartu zizkieten, eta, horietatik abiatuz, adipositate indizeak kalkulatu dituzte. Hala, ondorioztatu dute obesitatea duten ikasleek gogobetetasun txikiagoa dutela beren pisuarekin eta gorputzaren irudiarekin, eta zenbat pisatzen duten aitortzeko zailtasun handiagoa ere bai.
Munduko unibertsitateetan, %22
Dena den, EHUko datuak onak direla esan daiteke munduko gainontzeko unibertsitateekin alderatuz gero. OME Osasunaren Mundu Erakundeak 2016an argitaratu zuenez, unibertsitateko ikasleen gainpisu prebalentzia % 22 inguru da munduan. Hori, nagusiki, kultura eta ingurumen arloko eraginen, energia handiko dieten, elikagai anoen tamaina handitzearen eta bizimodu sedentarioa izatearen ondorioa da, OMEren arabera.
EHUk argitaratu duen ikerketa Marta Arroyo Izaga doktoreak zuzendu du, EHUko Farmazia eta Elikagaien Zientzia Sailean egin da, eta bikain cum laude kalifikazioa jaso du.
|
2020-12-10
|
https://www.berria.eus/albisteak/190935/bizkaiko-ostalariak-bidegabekeriaren-parte-bat-erreparatu-dute-neurri-berriekin.htm
|
Ekonomia
|
Bizkaiko ostalariak: «Bidegabekeriaren parte bat erreparatu dute neurri berriekin»
|
Kexu dira «afari zerbitzua» ezin izango dutelako eman, eta nabarmendu dute arazoak «bere horretan» jarraitzen duela.
|
Bizkaiko ostalariak: «Bidegabekeriaren parte bat erreparatu dute neurri berriekin». Kexu dira «afari zerbitzua» ezin izango dutelako eman, eta nabarmendu dute arazoak «bere horretan» jarraitzen duela.
|
Bizkaiko ostalarien elkartearen iritziz, jasaten ari ziren «bidegabekeriaren» parte baten «erreparazioa» da Labiren aholku batzordeak euren jardunari jarritako mugak leundu izana. Hector Fernandez elkarteko presidenteak begi onez hartu ditu aldaketak, baina nabarmendu du ez direla aski: «Arazoak bere horretan dirau. Sektoreak lan egin beharra dauka, eta negozioek fakturatzeko beharra dute, krisia oso gogorra delako».
Larunbatetik aurrera ostalariek terraza zerbitzua eman ahal izango dute kanpoan; lokalaren barruan, aldiz, mugak izango dituzte: edukieraren erdia, eta bezero guztiak eserita. Muga zorrotzena, dena den, ordutegian dute, 20:00etan itxi beharko baitute. Sanchez kritiko mintzatu da ordutegiarekin: «Jatetxeetako bi zerbitzuak salbatzeaz hitz egin genuen, bazkariak eta afariak, baina ezin izan ditugu afariak lortu». Azaldu duenez, tabernetako barretan eserita kontsumitu ahal izatea eskatu zuten, baina eskaera hori ere ukatu egin zaie. Bizkaian herri guztietako ostalaritza negozioek ireki ahalko dute, Ermukoek eta Arrigorriagakoek izan ezik. Bi herri horietan azken hamalau egunetan pilaturiko intzidentzia 500 kasutik gorakoa da 100.000 biztanleko.
|
2020-12-10
|
https://www.berria.eus/albisteak/190936/enpresa-txiki-eta-autonomoentzako-laguntzak-luza-ditzala-eskatu-dio-eusko-legebiltzarrak-jaurlaritzari.htm
|
Ekonomia
|
Enpresa txiki eta autonomoentzako laguntzak luza ditzala eskatu dio Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari
|
Talde guztiek babestu dute egitasmoa. Mailegu gehiago galdegin dituzte, eta baldintza hobeetan emateko.
|
Enpresa txiki eta autonomoentzako laguntzak luza ditzala eskatu dio Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari. Talde guztiek babestu dute egitasmoa. Mailegu gehiago galdegin dituzte, eta baldintza hobeetan emateko.
|
Enpresa txiki, ertain eta autonomoentzako laguntzak 2021era luzatzeko eskatu dute Eusko Legebiltzarreko talde guztiek. PP+C's-ek bultzatu du eztabaida, eta zuzenketa bat adostu du EAJrekin eta PSErekin; gero, gainerako alderdiek babestu dute. Eskaera aho batez onartu izana nabarmendu dute talde guztiek.
COVID-19aren osasun krisiak iraun bitartean maileguak eskuratzeko baldintza errazteko eskatu diote Jaurlaritzari. Zehazki, maileguen gabealdia urtebetetik bira luzatzeko, eta itzultzeko epea bost urtetik zortzira.
Gainera, krisiak kalte handiena egiten dien sektoreei laguntzeko lerro espezifiko bat sortzea proposatu diote gobernuari, eta aurten indarrean dagoen programaren onuradunei ere baldintza berri horiek lortzeko aukera ematea.
Funtsean, Jaurlaritzak aurten enpresa txiki, ertain eta autonomoei laguntzeko sortu duen programa 2021era zabaltzea galdegin dute. Hasieran, funts horrek 500 milioi euro zituen, eta gero beste 500 milioi euro gehiago jarri zituen gobernuak.
|
2020-12-10
|
https://www.berria.eus/albisteak/190937/behatokiak-ohartarazi-du-giza-eskubideak-ez-direla-betetzen-hizkuntz-eskubideak-bermatu-ezean.htm
|
Gizartea
|
Behatokiak ohartarazi du giza eskubideak ez direla betetzen hizkuntz eskubideak bermatu ezean
|
Pandemian hizkuntz eskubideen urraketak areagotu egin direla nabarmendu du Behatokiak, eta hori konpondu beharra azpimarratu du.
|
Behatokiak ohartarazi du giza eskubideak ez direla betetzen hizkuntz eskubideak bermatu ezean. Pandemian hizkuntz eskubideen urraketak areagotu egin direla nabarmendu du Behatokiak, eta hori konpondu beharra azpimarratu du.
|
«Euskara eta hizkuntz eskubideak bermatu ezean, giza eskubideak bete gabe jarraituko dute Euskal Herrian». Salaketa argia egin du Behatokiak, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren harira ateratako oharrean. Nabarmendu duenez, giza eskubideak ere oinarrizko eskubide direla aitortzen du Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak. Horrenbestez, Behatokiaren hitzetan, «oinarrizkoa» da euskara eta hizkuntz eskubideak bermatzea.
Euskal Herrian egoera bestelakoa dela uste dute, eta argi dute egoera «makurtu» egin dela pandemiarekin. Datuak eman dituzte hori berresteko: lehen olatuan, aurreko urtean sasoi berean jasotako kexuak halako bi jaso zituen Behatokiak, eta bigarren olatuan ere ez da itzuli lehengora. Hizkuntz eskubideen urraketak hainbat eremutan gertatzen direlakoan daude. Zaintzara, osasungintzara, lan esparrura, lege eta ondasunei dagozkien zerbitzuetara, hezkuntzara eta aisialdira begira jarri da Behatokia.
Urraketak, hainbat esparrutan
Zaintzari erreparatu dio Izaskun Gaubeka Behatokiko zuzendariak. «Ezinbestekoa» iruditzen zaio zaintza zerbitzu guztietan euskara txertatzea, «berebiziko garrantzia duelako Euskal Herrian bizi diren guztien ongizatea eta gizartearen elkarbizitza eta eraikuntza sozial, indibidual eta kolektiboa bermatzeko». Horregatik, Gaubekak uste du pertsona zaurgarrienei euskaraz bizitzeko eskubidea izateko baliabideak eta aukera eskaini behar zaiela.
Osasungintzan, berriz, Behatokiak aipatu du aldea dagoela herriaren edo eremuaren arabera. «Hala ere, guztietan profesional euskaldunak falta dira». Gaubekak deritzo egoera «bereziki larria» dela esparru batzuetan: pediatria, psikologia, psikiatria... Eta gogorarazi du erditzearekin eta heriotzarekin lotutako osasun zein zaintza zerbitzuetan «aparteko garrantzia» duela bertako hizkuntza erabiltzeak. Ziurtatu du hori ez dela kontuan izan pandemian: «Pandemia honek eragindako aldaketa guztietan hizkuntza ez da kontuan izan, horrek herritarren osasunean ere duen eraginaz jabetu gabe».
Gaubekak uste du lan esparruan ere «oso ohikoak» direla hizkuntz eskubideen urraketak . Haren hitzetan, bezeroek, kontsumitzaileek eta herritarrek ez daukate «inolako bermerik» zerbitzuak euskaraz jasotzeko. Hori konpondu beharra dagoela azpimarratu du: «Herritar guztiok eskubidea izan beharko genuke euskaraz lan egin ahal izateko eta baliabideak eta laneko formakuntza euskaraz izateko».
Egoera antzekoa dela uste du Gaubekak legeei eta ondasunei lotutako zerbitzuetan: «Oinarrizko zerbitzu jakin batzuetan, ia ezinezkoa egiten zaie herritarrei euskaraz jaso ahal izatea: notariotza zerbitzuetan, justizia eremuko zerbitzuetan edo azken borondateen agiria osasun zerbitzu publikoan egiterakoan».
Hezkuntzan ere aldaketak beharrezko ikusten ditu Gaubekak, euskara «ardatza» izan dadin hezkuntza osoan: «Euskaraz ikastea eskubide unibertsala izanik, behar-beharrezkoa da doakotasuna eta hezkuntzan ondo integratuta egotea, herritarrek hizkuntza berdintasunean ikas dezaten». Bereziki, Lanbide Heziketako egoerak kezkatzen du, eskaintza «oso urria» delako.
Aisialdian eta bizitza sozialean ere erdarak nagusitzen direlakoan dago Gaubeka. Haurrei eta gazteei begira jarrita, komunikabideetan haientzako eskaintza indartu beharra aipatu du, eta telebista publikoko euskarazko haurrentzako kateak duen egoera gogorarazi du: «Oraindik ezin da euskararen lurralde guztietan ikusi».
|
2020-12-10
|
https://www.berria.eus/albisteak/190938/laquoikusi-nuen-nola-heltzen-zion-gerria-inpotentzia-sentitu-eta-muturrekoa-eman-nion-nieblariraquo.htm
|
Gizartea
|
«Ikusi nuen nola heltzen zion gerria. Inpotentzia sentitu, eta muturrekoa eman nion Nieblari»
|
Asier Nieblaren kasuko akusatuak gaur deklaratu du epaiketan. Azaldu du ez zuela hura hiltzeko asmorik.
|
«Ikusi nuen nola heltzen zion gerria. Inpotentzia sentitu, eta muturrekoa eman nion Nieblari». Asier Nieblaren kasuko akusatuak gaur deklaratu du epaiketan. Azaldu du ez zuela hura hiltzeko asmorik.
|
Duela bi urte eta bi hilabete hil zen Asier Niebla urnietarra (Gipuzkoa), bi hilabete lehenago beste gizonezko batek buruan jo, lurrera erori, eta koman 61 egun egin ostean. Akusatuak gaur deklaratu du bigarren auzi saioan. Fiskalaren galderak erantzuten hasi bezain pronto, argi utzi nahi izan du bere asmoa ez zela Niebla hiltzea: «Ez nuen hori gertatzea nahi. Ulertzen dut jendeak nire heriotza nahi izatea, baina bihotzez diot, ni ez nintzen mutila hiltzera joan. Bi urte daramatzat egunero une hura buruan dudala esnatzen».
Abuztuaren 12 hartan gertatutakoa azaldu du. Muturrekoa bizkarrez eta korrika zihoala ematea egotzi diote, baina ez zela hala izan deklaratu du: «Aurpegian eman nion. Begiratu nion, begiratu zidan, eta bizkarrez erori zen». Izututa alde egin zuela adierazi du. Fiskalak esan dionean Nieblak okotzean ez zuela lesiorik, akusatuak esan du ez ziola horren indartsu jo, eta irristatu egin zela biktima.
Muturrekoa emateko arrazoiaren inguruan galdetuta, testuinguruaz hitz egin du: «Nire neska lagun ohia ikusi nuen, beregana joan nintzen, eta Asierrek gerritik heldu zion, ipurdi aldera. Inpotentzia sentitu nuen, eta horrek eragin zuen nik muturrekoa jotzea». Azaldu du Niebla ez zuela ezagutzen lehendik, eta udaltzainek deitu ziotenean izan zuela haren egoeraren berri. Gau hartan bertan, ordea, lehenago, eztabaidatu egin zuten: «Arrazoi bat emateko eskatu nion, nik jakiteko zergatik utzi ninduen utzi ninduen moduan».
Epaimahaiaren esku
Horrez gain, aitortu du drogak kontsumitu zituela gau hartan, eta bazekiela bere bikotekide ohia eta Niebla batera zeudela. Urnietako Udalak eskatu du indarkeria matxista aintzat hartzeko auzian, eta biolentzia mota horren biktima izendatzeko Asier Niebla.
Udaleko abokatuaren galderei erantzunez azaldu ditu akusatuak lehendik gertatutakoak. Hiru-lau urte eman zituen neska lagun ohiarekin bizitzen, eta zazpi hilabete zeramatzaten harremana utzita. Esan du berak nahi zuela harremana konpondu, baina ez ziola behar baino gehiago insistitu neskari.
Orain, zinpeko epaimahai batek erabakiko du ea erasotzailea soilik lesioen arduraduna den, homizidio baten egilea ala hiltzailea den. Epaimahaikideek, halaber, kontuan hartu beharko dute ea auziaren oinarrian indarkeria matxista badagoen ala ez. Polizia izango da hurrengoa deklaratzen, eta bihar jarraituko du saioak, lekukoekin.
|
2020-12-10
|
https://www.berria.eus/albisteak/190939/terrorismoaren-biktimen-memoriarako-zentroa-ez-onartzeko-eskatu-dute-memoria-eragileek.htm
|
Gizartea
|
Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Zentroa ez onartzeko eskatu dute memoria eragileek
|
'Memoria osoa, bizikidetzaren alde' kanpaina aurkeztu dute hamahiru memoria eragilek, eta manifestuarekin bat egiteko eskatu diete erakundeei, eragileei eta norbanakoei.
|
Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Zentroa ez onartzeko eskatu dute memoria eragileek. 'Memoria osoa, bizikidetzaren alde' kanpaina aurkeztu dute hamahiru memoria eragilek, eta manifestuarekin bat egiteko eskatu diete erakundeei, eragileei eta norbanakoei.
|
Hamahiru memoria elkartek Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Zentroaren proiektua ez onartzeko eskatu dute gaur Gasteizen eginiko agerraldi batean. Memoria osoa, bizikidetzaren alde kanpaina aurkeztu dute, Giza Eskubideen Nazioarteko egunean berean. Haien arabera, Euskal Herria memoria duen herri bat da, eta ezin dira ahaztu gaur arte egondako giza eskubideen urraketak. Bizikidetza eraikitzearen aldeko urratsak egin nahi dituzte, baina adierazi dute zentro horren proiektuak bizikidetzaren eraikuntzaren aurka egiten duela. Hain zuzen, Espainiako Gobernuak gune hori Gasteizen eraikitzeko erabakia hartu zuen 2014an. Webgune bat ere martxan jarri dute, gaur aurkeztu duten manifestuarekin bat egiten dutenek beren atxikimendua eman dezaten.
Kanpainarekin bat egin dute, besteak beste, Egiari Zor fundazioak, Intxorta 1937 elkarteak, Gernika batzordeak eta Sanferminak 78: Gogoan! elkarteak. Inolako bazterkeriarik eta diskriminaziorik gabeko memoria osoaren aldeko hautua egin dute, bizikidetza eraikitzeko erronka mahai gainean jarrita: «Asko dira gure zauri irekiak, eta ez ditugu ahaztu indarkeria adierazpen ugarik eragindako marka horiek». Elkartutako eragileek uste dute erronka horrek kolektiboa izan behar duela, eta bizikidetza «ikuspegi integral batean» oinarritu behar dela, azken hamarkadetako «sufrimenduaren mapa» osatzen duten errealitateak ahaztu gabe. «Norabide on horretan pauso batzuk eman dira, tokian tokiko esperientziak eta dinamikak, modu inklusiboan bizikidetza eraikitzea errazten dutenak». Halere, argi dute bidea «zailtasunez» beteta dagoela, «estrategia diskriminatzaileak» daudelako: «Nabarmenak dira arriskuak».
Bide horretan dagoen arrisku nabarmenetako bat Terrorismoaren Biktimen Memoriaren Zentroa bera dela nabarmendu dute memoria elkarteek. Jakinarazi dutenez, gune horren oinarrian lege bat dago, eta horrek «1960ko urtarrilaren 1etik erregistratutako terrorismoaren adierazpen guztien biktimekiko aitorpen, errespetu eta elkartasun zeinua» izan nahi duela zehazten du. Hala ere, salatu dute lege horren planteamendutik kanpo gelditzen direla data horren ostean edo lehenago Espainiako Estatuaren aparatuek egindako giza eskubideen urraketen milaka biktima. Areago, erantsi dute Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak onartutako legeetan dagoeneko biktima horietako batzuk gogoan hartzen direla, baina aitortza ez dela beste batzuen adinakoa. «Biktima asko daude aitortu gabe eta giza eskubideen urraketen mapara gehitzeko».
Zentroaren planteamendua gaitzetsi, eta giza eskubideen urraketa guztiak oinarri izango dituen proiektu «eraikitzaile eta integral» baten aldeko aldarria egin dute. Izan ere, uste dute zentroak bazter uzten duela biktimen errealitatearen zati handi bat, eta hori bizikidetzarako arazo bat dela. Beraz, zentroaren proiektua ez onartzeaz gain, memoria osoa oinarri hartuko duten dinamikak bultzatzeko eskatu diete Euskal Herriko erakundeei eta elkarteei, eta baita bazterkeriarik gabeko bizikidetza eraikitzekoa ere. Instituzioekin, oraingoz, ez dira harremanetan jarri, baina beraien atxikimendua eman dezakete kanpainarako propio sortu duten webgunean. Hala ere, aitortu dute nahiko luketela ahalik eta instituzio gehienek manifestuarekin bat egitea: «Uste dugu oso oinarrizkoa dela eskatzen duguna, eta argia dela egungo eskubideen urraketa eta biktima askorekiko bazterkeria».
Kanpainarekin aurrera
Manifestuarekin bat egiteko aukera izango dute norbanakoek, eragileek eta erakundeek datozen egunetan. Baina, horrez gain, memoria eragileek azaldu dute kanpaina gizarteratzeko asmoa dutela, eta beraz, ekimen berriak aurkezteko dituztela. Hala ere, oraindik ez dute aurreratu zeintzuk izango diren planteamendu berri horiek.
|
2020-12-10
|
https://www.berria.eus/albisteak/190940/intzidentzia-handiko-herri-txikietan-ostalaritzak-ireki-ahal-izango-du-araban-bizkaian-eta-gipuzkoan.htm
|
Gizartea
|
Intzidentzia handiko herri txikietan ostalaritzak ireki ahal izango du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan
|
Aurreko hamalau egunetan 100.000 biztanleko 500 positibotik gora izan duten herrietan tabernek eta jatetxeek itxita jarraituko dute, baina neurri horrek ez die eragingo 5.000 biztanletik beherako herriei. Horietakoren batean egoerak okerrera eginez gero, Jaurlaritzak neurri murriztaileak ezarriko ditu bertan.
|
Intzidentzia handiko herri txikietan ostalaritzak ireki ahal izango du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Aurreko hamalau egunetan 100.000 biztanleko 500 positibotik gora izan duten herrietan tabernek eta jatetxeek itxita jarraituko dute, baina neurri horrek ez die eragingo 5.000 biztanletik beherako herriei. Horietakoren batean egoerak okerrera eginez gero, Jaurlaritzak neurri murriztaileak ezarriko ditu bertan.
|
Urriaren 26tik eta azaroaren 6tik indarrean diren neurriak malgutu egingo dituela jakinarazi zuen atzo Eusko Jaurlaritzak. Ostalaritzak ateak ireki ahal izango ditu, printzipioz, terrazak osorik eta jatetxe eta taberna barruan edukieraren %50 beteta gehienez. Baina neurria ez da orokorra izango. Izan ere, aurreko hamalau egunetan 100.000 biztanleko 500 positibotik gora eduki duten herrietan itxita jarraituko dute taberna eta jatetxeek.
Araban, hauek dira 100.000 biztanleko 500 positibotik gora eduki dituzten herriak: Añana, Erriberagoitia, Iruña Oka, Armiñon, Berantevilla, Urizaharra, Eltziego, Elvillar, Arraia-Maeztu, Legutio eta Aramaio.
Bizkaian: Zeberio, Arakaldo, Ugao, Gamiz-Fika, Errigoiti, Forua, Ermua eta Arrigorriaga.
Gipuzkoan: Eibar, Elgeta, Arrasate, Beizama, Larraul, Gaztelu, Alegia, Ordizia, Arana eta Segura.
Mapa honetan kontsulta daiteke intzidentzia herriz herri.
5.000 biztanle baino gutxiago dituzten herrietan, ordea, bestela jokatuko du Eusko Jaurlaritzak. Bihar aterako duten dekretuaren zirriborroan zehaztu dutenez, 26 herri horietako egoera aztertuko dute banaka, eta ez dute intzidentziaren arabera ostalaritza ixteko debekurik ezarriko horietan. Dena dela, egoerak okerrera eginez gero, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak neurri murriztaileak ezar litzake, esan dutenez.
|
2020-12-10
|
https://www.berria.eus/albisteak/190941/sindikatuen-arabera-haurreskolak-partzuergoko-grebak-erabateko-jarraipena-izan-du.htm
|
Gizartea
|
Sindikatuen arabera, Haurreskolak partzuergoko grebak «erabateko jarraipena» izan du
|
LAB, Steilas eta ELA sindikatuek datorren asteazkenerako dute deituta bigarren greba eguna, eta, egoera aldatu ezean, mantendu egingo dute.
|
Sindikatuen arabera, Haurreskolak partzuergoko grebak «erabateko jarraipena» izan du. LAB, Steilas eta ELA sindikatuek datorren asteazkenerako dute deituta bigarren greba eguna, eta, egoera aldatu ezean, mantendu egingo dute.
|
LAB, Steilas eta ELA sindikatuek grebara deitu zituzten gaurko Haurreskolak partzuergoko langileak, eta deialdiak erantzuna izan du. Sindikatuen arabera, «erabatekoa» izan da jarraipena, %73koa. Datorren asteazkenerako dute deituta bigarren greba eguna, eta mantendu egingo dutela ziurtatu dute, egoera aldatzen ez bada behintzat.
Parte hartzea, «erabatekoa» izanda ere, gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak izan direla salatu dute: «Hainbat haur eskolatan langile guztiei kendu zaie greba egiteko eskubidea; alegia, bi hezitzaileko haur eskola guztiei; orotara, 278 langileri». Gainera, sindikatuen aburuz, Haurreskolak partzuergoko kudeatzaile Zorione Etxezarraga harago joan da gutxieneko zerbitzuen interpretazioarekin, «greba desitxuratzeko helburuz».
Grebarako arrazoiak izan, badituzte, sindikatuek diotenez: «Haurreskolak Partzuergoko langileoi greba dinamikarekin hastea baino ez zaigu geratu». Izan ere, salatu dutenez, ez dira betetzen indarrean dituzten lan hitzarmena eta akordioak. Gainera, orain arte negoziazioa falta izan dela nabarmendu dute. Abenduaren 22an izango duten mahai negoziatzailean hainbat puntu gehitzea ere nahi dute: ordezkapenak betetzea, eta hezitzaileen mugimenduak eta aparteko orduen «erabilera txarra» amaitzea; sinatuta dauden akordioetatik abiatuko den lan hitzarmen berriaren negoziazioa hastea; eta irakaskuntza publikoan Osakidetzak egiten duen COVID-19tik norbera babesteko ekipamenduen horniduran Haurreskolak partzuergoa ere sartzea.
Sindikatuei iruditzen zaie beharrezkoa dela aurrekontua handitzea, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzengana zuzendu dira: «Jokin Bildarratzek du giltza gatazka honetan; horregatik, Hezkuntza sailburua eta Haurreskolak Partzuergoko lehendakaria den heinean, dagokion erantzukizuna bete dezala exijitzen diogu». Orain arte egindako eskaerei eutsiz, Haurreskolak partzuergoaren doakotasuna eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailean integratzea eskatu dute.
|
2020-12-10
|
https://www.berria.eus/albisteak/190942/gabonetan-adinekoen-zaintza-hobetzeko-neurriak-iragarri-ditu-gipuzkoako-foru-aldundiak.htm
|
Gizartea
|
Gabonetan adinekoen zaintza hobetzeko neurriak iragarri ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak
|
Egoiliar bakoitzari 18 minutu gehiago eskainiko dizkiete egunean, horretarako langilerik kontratatuko ez badute ere. Bisitak bi senidekoak izango dira abenduaren 23tik urtarrilaren 6ra.
|
Gabonetan adinekoen zaintza hobetzeko neurriak iragarri ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. Egoiliar bakoitzari 18 minutu gehiago eskainiko dizkiete egunean, horretarako langilerik kontratatuko ez badute ere. Bisitak bi senidekoak izango dira abenduaren 23tik urtarrilaren 6ra.
|
Gipuzkoako Foru Aldundiak hamahiru neurri kaleratu ditu Gabonetara begira “adinekoen bizi kalitatea eta ongizate emozionala babesteko” asmoz. Neurri horien artean daude arreta ratioak %9,2a igotzea, 18 minutu gehiago egoiliar bakoitzeko; nahiz eta horretarako ez dituzten langile gehiago kontratatuko. Psikologiaren, fisioterapiaren eta terapia emozionalaren alorrean, aldiz, bikoiztu egingo dituzte lantaldeak. Bisitak ere gehitzeko asmoa azaldu du, eta abenduaren 23tik urtarrilaren 6ra bitartean bi senidek bisitatu ahalko dituzte egoiliarrak. Aldundiak ez du baztertu neurriak Gabonak pasata ere mantentzea, “erantzun egokia” izaten badute.
“Horrelako planak martxan jartzeko orduan pertsonak ditugu gogoan, beraiek dira lehentasun nagusia”, adierazi du Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak. Gogorarazi du pandemiaren bigarren olatuak 99 hildako utzi dituela herrialdeko egoitzetan. Haren hitzetan, orain arte ezarritako politikek egoiliarren “osasuna eta segurtasuna bermatzea” helburu izan badute ere, egoiliarrei ondorio psikologiko eta emozionalak eragin dizkie. Hori horrela, Goxatu plana aurkeztu du diputazioak, gizarte eragileekin elkarlanean eta familiekin, langileen ordezkariekin eta zentroetako talde arduradunekin kontrastatuta.
Hiru alor nagusiri ezarriko dizkiete neurriak. Lehena, ratioei dagokiena: egoiliar bakoitzari 18 minutu gehiago eskaini ahal izango dizkiete langileek. Horretarako, egoitzaz egoitzako azterketa egin dutela adierazi du Maite Peña Gizarte Politiketako foru diputatuak, eta herrialdeko 65 zahar egoitzetan 400 lekutik gora libre utziko dituzte, ordainduta baina egoiliarrik gabe. Horrela, lantaldeak mantenduko dira, baina egoiliar gutxiagorekin denbora gehiago izango dute bakoitzari eskaintzeko. Alta, zentroetako zenbait alorretan —psikoterapian, fisioterapian eta terapia okupazionalean—, bikoiztu egingo dituzte lantaldeak. Neurri hori Gabonak igaro eta gero ere mantenduko dutela adierazi dute.
Egoiliarren bisitak ere areagotuko dituzte: familiarekin harremana “errazten saiatzen” direla argudiatuz, betiere ingurugiro seguru batean. Hori horrela, abenduaren 23a eta urtarrilaren 6a artean bi senideko bisitak izan ahalko dituzte egoiliarrek, eta neurri hori luzatzeko aukera dagoela adierazi dute, “emaitza onak” ematen baditu. Bestalde, Gabonetan egoitzetatik irten ahalko dira egoiliarrak; 30 egun baino gehiago egiten badituzte kanpoan, familiek ez dute lekua ordaindu beharko, eta laguntza ekonomikoa jasoko dute. Egoitzara bueltatzean, ostera, PCR proba eta berrogeialdia egin beharko dituzte egoiliarrek. Zahar etxeetatik kontaktua mantentzeko, pantaila handi bana erosi die diputazioak herrialdeko egoitzei. Bisitak soilik ez, irtenaldiak ere areagotzeko asmoa azaldu dute. Horretarako egoitzetatik kanpo dauden parke edo plazetan “eremu seguruak” sortu dituztela adierazi dute, adinekoak irten daitezen. Oraingoz, bederatzi egoitzatan egin dute, eta datozen asteetan 21 prest izatea aurreikusi dute.
“Herrietako bizitza egoitzetara eramateko asmoz”, Gipuzkoako sektore sozialeko hainbat eragilerekin elkarlana bultzatu dutela ere gehitu dute: Nagusilan elkartearekin senitartekoen bideoak grabatuko dituzte. Bertsoak ere izango dira, Lankurekin eta Sebastian Lizaso bertsolariarekin elkarlanean. Gizaldek ere hartuko du parte, herrietako bandek emanaldiak egin ditzaten. Mundukide eta Harreman elkarteak, azkenik, abenduaren 24an kontzertua antolatuko dute lurraldeko egoitza guztietan.
"Tranpa"
ELA eta LAB sindikatuek grebara deitu dute gaurko eta bihar egoitzetako hitzarmen "duin" baten alde. Diputazioak hartutako neurriengatik galdetzean, ratioak igotzea beti positiboa dela adierazi du ELAko eledun Aimar Etxeberriak, baina neurri horiek "tranpa" dutela salatu du. Izan ere, ratioak igo badira ere, langile berririk ez dute kontratatuko, eta beraz, neurriak "nahikoa ez" direla adierazi du.
Bestalde, bi sindikatuak kexu azaldu dira ezarritako %100eko gutxiengo zerbitzuekin. LABeko eledun Ane Sarriegik salatu du langileek eskubideak aldarrikatzeko duten "tresna bakarra" kendu dietela. ELAko eledun Aimar Etxeberriak ere salatu egin du erabakia, eta gehitu du egun normal batean baino langile gehiago izango direla bi greba egunetan: "paradoxikoki, greba egunotan egun normaletan baino langile gehiago egongo dira; intzidentziak askotan ez baitira ordezkatzen".
Egoitzak mahai gainean
Gainontzeko lurraldeetan ere iragarri dituzte neurriak Gabonei begira. Nafarroako kasuan, gobernuak jakinarazi du Gabonetan egoiliarrak etxera joan ahal izatea baimentzea aztertzen ari direla.
Bizkaiko kasuan, aldiz, uko egin diote zaharren egoitzen inguruan egoiliarrek paseatzeko eremuak sortzeari. EAJ eta PSEk eman diote ezezkoa Elkarrekin Podemosen proposamenari, eremu horiek sortzeak egoiliarrak “bakartu” egingo lituzkela argudiatuz. Elkarrekin Podemosek, aldiz, azpimarratu du eremu horiek “sozializazio eremu seguru” izango liratekeela, eta gogorarazi du Nafarroan ere antzerako proposamena egin zutela.
|
2020-12-10
|
https://www.berria.eus/albisteak/190943/ebzk-diru-gehiago-sartuko-du-ekonomian.htm
|
Ekonomia
|
EBZk diru gehiago sartuko du ekonomian
|
2021. urtea ekonomikoki gogorra izango dela ikusita, 500.000 milioi euro handituko du bere zorra erosteko programa berezia. Bankuei mailegu merke gehiago emango dizkie.
|
EBZk diru gehiago sartuko du ekonomian. 2021. urtea ekonomikoki gogorra izango dela ikusita, 500.000 milioi euro handituko du bere zorra erosteko programa berezia. Bankuei mailegu merke gehiago emango dizkie.
|
Bere diru zorro zabala gehiago zabalduko du EBZ Europako Banku Zentralak, 2021. urte osoan zehar ere euroguneko ekonomiak bultzada bat beharko duela uste duelako. Beste 500.000 milioi euro jarriko ditu zor publikoa eta pribatua erosteko PEPP programa berezian, eta bankuei interesak ordaintzen jarraituko du, maileguen zirkulazioa eten ez dezaten, eta, bidenabar, interes tasa txikien ondorioz porrot egin ez dezaten.
Iragarri bezala, urteko azken bilera neurri gehigarriekin amaitu du EBZk. Urrian iragarri zuen bide horretatik joko zuela, koronabirusaren pandemiaren bigarren olatua euroguneko ekonomiaren suspertzea eteten ari zela abisatuta. Bere usteak bete direla uste du Christine Lagarde EBZko presidenteak, eta urtearen azken hiruhilekoan BPG barne produktu gordina %2,2 txikitzea espero duela iragarri zuen. Motelaldi horrek 2021eko lehen hiruhilekoan jarraituko duelakoan dago banku zentrala, herrialde askok iragarriko dutelako mugikortasuna eta harreman sozialak gutxitzeko neurriekin jarraituko dutela; batzuek, Alemaniak bezalaxe, gogortzeko asmotan dabiltza.
Gauzak horrela, bere iragarpen ekonomikoak aldatu ditu EBZk. Orain dio aurten euroa partekatzen duten hemeretzi herrialdeetan %7,3 txikituko dela BPGa: %8 iragarri zuen irailean, baina Lagardek onartu du udako hilabeteetan uste baino suspertze handiagoa izan zuela ekonomiak —%12,5, Eurostaten arabera; %15etik gora Euskal Herrian—. 2021era begira, ordea, ezkorragoa da banku zentrala: %5 handitzea espero zuen, eta %3,9an geratuko dela iragarri du orain. Hau da, galdutakoaren erdia baino pixka bat gehiago baizik ez duela berreskuratuko.
2022rako datu hobeak espero ditu —puntu bat igo du hazkunde aurreikuspena, %4,2 arte—, ordurako espero baitu bizitza soziala gutxitzeko neurriak guztiz desagertuko direla eta horiei lotutako zerbitzuak —ostalaritza, garraioak, aisialdia...— pandemiaren aurreko egoera batera itzul daitezkeela. Berez, 2021eko udazkenerako iragarri du egoera normalago baten hasiera, «zientzielariek diotelako ordurako egon daitekeela taldeko immunitatea».
«Krisia amaitu arte»
Une hori iritsi bitartean, ekonomiari bultzada eman beharko zaiola uste dute banku zentraleko arduradunek. Horretarako, pandemiaren hasieran indarrean jarritako neurriak sakontzea hobetsi dute, nahiz eta analista batzuren iritziz dagoeneko ez duten eragin handirik ekonomiaren bilakaeran.
Neurri horien artean nagusia da PEPP pandemiari lotutako zorra erosteko programa: bilioi erdi gehiago jarriko du, 1,85 bilioi euro guztira. Ekainean zuen bukatzekoa, baina 2022ko martxo arte luzatu du. Lagardek onartu du, ordea, beharrezkoa ez bada ez duela diru hori guztia gastatuko, eta beharrezkoa bada, gehiago gasta dezakeela. «Krisia amaitu arte» iraungo du programa horrek.
Programa horren bidez, EBZk diru gehiago sortzen du eta zorra erosten du, publikoa batez ere, baina baita pribatua ere. Helburua da bankuek dirua libre izatea enpresei eta herritarrei maileguak emateko. Baina ondorio onugarri nagusia honako hau da: estatuek eta beste erakunde publikoek erraz eta merke saldu ahal dutela beren zorra, beti baitago azken erosle bat, EBZ bera. Horren ondorioetako bat da estatukide gehienek interes negatiboetan finantzatu ahal dutela beren burua, hau da, bonuak erosi dituztenei interesa kobratu beharrean, interesa haiek jasotzen dutela. Zorpetzeagatik kobratzen duen azken estatukidea Espainia da, lehen aldiz interes negatiboa jaso duelako hamar urteko zorran.
Finantzaketa mota horrek arindu egiten du orain pandemiaren kalteei aurre egiteko hartzen ari diren zor publiko handiaren zama. Zorpetzeak jarraitu behar duela eta gerrikoa estutzeko unea ez dela iritsi nabarmendu du Lagardek azken agerraldi publikoetan.
EBZk gaurko bileran hartu zuen beste neurria izan da bankuei diru enkante berezi gehiago egitea, TLTRO eta PELTRO izenekoak. Enkante horietan %1eko interesa ordaintzen die banku zentralak, betiere jasotako dirua maileguetarako bideratzen badute.
|
2020-12-10
|
https://www.berria.eus/albisteak/190944/tokarczuk-eta-handke-beste-bi-nobel-euskal-literatura-aberasteko.htm
|
Kultura
|
Tokarczuk eta Handke: beste bi Nobel euskal literatura «aberasteko»
|
Elkar argitaletxeak Olga Tokarczuken eleberri bat eta Peter Handkeren beste bat kaleratu ditu: Tokarczuken ‘Erabili goldea hilen hezurren gainetik’ eta Handkeren ‘Atezainaren larria penalti-jaurtiketan’. Amaia Apalauzak eta Sonia Kolaczekek euskaratu dute Tokarczuk, eta Joxe Mari Berasategik Handke. Idazleen zailtasun formala azpimarratu dute itzultzaileek.
|
Tokarczuk eta Handke: beste bi Nobel euskal literatura «aberasteko». Elkar argitaletxeak Olga Tokarczuken eleberri bat eta Peter Handkeren beste bat kaleratu ditu: Tokarczuken ‘Erabili goldea hilen hezurren gainetik’ eta Handkeren ‘Atezainaren larria penalti-jaurtiketan’. Amaia Apalauzak eta Sonia Kolaczekek euskaratu dute Tokarczuk, eta Joxe Mari Berasategik Handke. Idazleen zailtasun formala azpimarratu dute itzultzaileek.
|
Suediako Akademiako kide batzuek eginiko sexu jazarpena arbuiatzeko, Nobel saririk ez zen iragarri 2018an. Orduko saria urtebete geroago eman zen, eta, hortaz, 2019an bi idazlek partekatu zituzten oihartzuna eta loria: Olga Tokarczukek —2018ko irabazle gisara— eta Peter Handkek. Urtero bezala, Elkar argitaletxeak saridun bakoitzaren obra bat argitaratu du, AED elkartearekin, Arrasateko (Gipuzkoa) Udalarekin eta Laboral Kutxarekin batera antolatutako Jokin Zaitegi sarian: Tokarczuken Erabili goldea hilen hezurren gainetik euskaratu dute Amaia Apalauza Ollok eta Sonia Kolaczekek, eta Handkeren Atezainaren larria penalti-jaurtiketan Joxe Mari Berasategik.
Espainiako, Frantziako eta herrialde anglosaxoietako literaturak «ondo samar» ezagutzen direla azpimarratu du Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak, baina Erdialdeko Europako lanak «arrotzak» zaizkiola oraindik euskal sistemari. Europako «aberastasuna» euskarara ekarri nahi izan dutela azaldu du editoreak, eta horren bi lagin dira argitaratu berri dituzten hauek: «Ez dira nolanahikoak, ez liburuak, ez idazleak, ezta itzultzaileak ere». Badira, ordea, ezberdinak: izan ere, Tokarczuken narratiba samurrari —autoreak berak idazteko modu horixe aldarrikatu baitzuen Nobel sariaren ekitaldian— Handkeren «narrazio hotza» kontrajartzen zaio, Mendigurenek azaldu duenez.
Erabili goldea hilen hezurren gainetik «hainbat etiketapean» ageri den liburu bat dela dio Apalauzak: «Eleberri beltzat jo izan da normalean, baina ñabardurekin. Generoaren ezaugarriak ditu, baina harago doa». Protagonista, Janina Duszejko, atzerrian bizi izan da urte askotan, eta orain Poloniako landa eremuko herri txiki batean dihardu ingelesa irakasten. Inguruan hilketa bitxi batzuk jazoko dira, eta horiek ikertzen hasiko da «buru-belarri». Biktimak ehiztariak izaki, eleberria thriller ekologikotzat jo izan dute askok, eta protagonistaren hasierako hipotesia ere gisa horretakoa izango da: «Duszejko sinetsita dago animaliak mendeku hartzen ari direla gizakien kontra».
Gizartetik aldenduta bizi den emakume bakarti bat da Duszejko. Landa eremu «matxista» batean bizi da, eta «gutxietsia» sentiarazten dute maiz «adineko emakumea» izateagatik, Apalauzak azaldu duenez. «Ez du onartzen gizonek antolatutako sistema bateko txotxongiloa izatea, eta horrek arazoak ekarriko dizkio askotan». Irakurleak andre horren galbahetik jasoko du kontakizuna, protagonista bera baita eleberriaren muina. Kolaczeken aburuz, Duszejko andreak «narrazioa bere bidetik eramaten du», eta ez da bide hutsala, Apalauzaren hitzei erreparatuz gero bederen: «Obraren elementurik azpimarragarriena dela uste dut. Ahots narratibo indartsua da, eta ondo landua. Introspekzio ariketa sakona da liburu hau».
Handkeren lana ere bazterrak arakatuz ondutako obra da, eta orobat kontatua dago protagonistaren ikuspegitik. Ezer gutxi da Josef Blochi buruz kontatzen dena, Berasategik dioenez: «Atezain nahiko ona izan zela esaten da, baina ez dakigu garbi zer duen atzean, harrikada duela soilik, ez baita gauza ingurukoekin ondo komunikatzeko». Tokarczuken eleberriko protagonista bezala, bakardadea du hark ere bidelagun, baina ez inguruan inor ez izateak eragindako hori, ezpada «barruko egonezin eternala». Krimen bat gertatuko da, eta Blochek ihes egingo du, edo hori irudituko zaio behintzat irakurleari, hau ere ez baitago garbi: «Hiritik herri txiki batera alde egingo du, eta inguruko guztia berari zuzendutako seinaleak direla usteko du». Izenburua eta Bloch futbolean aritu izana gorabehera, kirola «zeharkako gaia» baino ez da, itzultzaileak argitu duenez.
Forma: opari zein oztopo
Hiru itzultzaileek gozagarri egin zaizkien testu batzuekin egin dute lan, baina konplexutasun hori «zailtasuna» ere izan da haientzat. Tokarczuken ezaugarri formalen artean, darabilen erregistroa azpimarratu du Kolaczekek: «Tokarczuken pertsonaiek hizkera jasoa izaten dute». Eleberri honetan ere bide beretik jo du, eta beste hainbat erregistroz ere baliatu da, Apalauzak ñabartu duenez: «Lagunartean, laxoa; poliziarekin hitz egitean, hanpatua; apaizak hizkera arkaikoa darabil botatzen duen sermoian». Horiek horrela, erregistroa ondo bereiztea izan da itzulpenaren «koska nagusia» Apalauzarentzat. Horrez gain, Tokarczuken irudiak sortzeko trebetasuna nabarmendu nahi izan du Kolaczekek: «Metafora asko erabiltzen ditu; formaren bitartez errazten du eduki sakon eta filosofikoagoen ulermena».
Berasategirentzat, narrazioaren ikuspuntua da Handkeren obraren «meritua» zein «zailtasuna»: «Mundua ez da begi arruntetatik ikusten. Batzuetan, kamera darabilela dirudi; besteetan, lupa edo mikroskopioa... Kameraren joan-etorri horiek bizkor eta ondo egiten direnean eragiten duten zorabioa eragiten dio Handkek irakurleari». Horrekin eta hizkuntzarekin egiten dituen jolasekin josi du Handkek narrazioa, «intriga bereziren beharrik gabe».
|
2020-12-10
|
https://www.berria.eus/albisteak/190945/bilboko-portuak-iaz-baino-38-tona-gutxiago-mugitu-zituen-urrian.htm
|
Ekonomia
|
Bilboko portuak iaz baino %38 tona gutxiago mugitu zituen urrian
|
Urte osoko datuak alderatuta %13 egin du behera jardunak; Pasaian, aldiz, %10 pasatxo.
|
Bilboko portuak iaz baino %38 tona gutxiago mugitu zituen urrian. Urte osoko datuak alderatuta %13 egin du behera jardunak; Pasaian, aldiz, %10 pasatxo.
|
Zamaketarien grebak eta pandemiaren krisiaren eragina bere arrastoa utzi dute Bilboko portuan. Espainiako Portuen agintaritzaren datuen arabera, urrian 1.965.696 tona merkantzia mugitu ziren Bilboko portuan, iaz hilabete berean baino %38,4 gutxiago. Urrira arteko datuak bildu eta iazkoekin alderatuta, aldiz, beherakada %13.95ekoa izan da -- 25.620.818 tona guztira--. Datuen arteko desorekaren eragileetako bat zamaketarien greba da. Urriaren 9an hasi ziren eta hainbat lanuzte egin zituzten azaro amaierara arte. Gutxieneko zerbitzu guztiak bere zituzten. Pasaiako portuko (Gipuzkoa) joera ezberdina izan zen, urrian %19 egin baitzuen gora lanak iazko hilabete berarekin alderatuta. Iaz 257.163 tona merkantzia mugitu zituzten; aurten, aldiz, 306.698. Bilbon deskargatu ezin izan zuten hainbat itsasontzik Pasaiara jo zuten eta hori izan daiteke gorakadaren azalpena. Urte osoko datuei erreparatuta, 2.363.926 tona mugitu ditu, iaz urrira arte mugitu baino %10,46 gutxiago. Alderatzen jarrita, Espainiako portuetan batez beste %10,10 jaitsi da jarduna.
|
2020-12-10
|
https://www.berria.eus/albisteak/190946/nafarroako-egoitza-berrietan-200-leku-eskaini-ahalko-dira-gehienez.htm
|
Gizartea
|
Nafarroako egoitza berrietan 200 leku eskaini ahalko dira gehienez
|
130 leku adinekoentzat izango dira, eta 70 menpekotasunen bat dutenentzat.
|
Nafarroako egoitza berrietan 200 leku eskaini ahalko dira gehienez. 130 leku adinekoentzat izango dira, eta 70 menpekotasunen bat dutenentzat.
|
Nafarroako Gobernuak egoitza berrien inguruko dekretua onartu du; berrehun leku eskaini ahalko dituzte gehienez, 130 adinekoentzat eta 70 menpekotasunen bat dutenentzat. Dekretu berriak egoitzetako egoiliar kopurua mugatuko du, eta hamasei laguneko bizikidetza unitateetan banatuko du espazioaren %65 gutxienez. “Egoiliarren beharrizanetara gehiago moldatzen den eredu bat” ezartzeko asmoz onartu dituzte neurriak.
Nafarroako Eskubide Sozialen Sailak proposatu ditu neurriok. Egoitzetako gehienezko egoiliar kopurua aurreko legeetan ere zehazten zuen, baina lehen aldia da eremuen banaketa zehazten duena. Horiek horrela, gelek gutxienez 14 metro koadro izan beharko dituzte, 20 metro koadro birentzako gelak badira, eta horiek komuna izan beharko dute. Hain zuzen ere, egoitzetako gelen %80an izan beharko dute komuna. Bestalde, zentro berrietan espazio askotarikoak sortzea aurreikusi du: egongela, sukaldea edota Interneteko gunea banatuta.
Lege berriak egoiliarren beharrizanen arabera sailkatuko ditu zerbitzuak, beren soslaiaren arabera izan beharrean, eta horrela sailkatuko ditu egoitza edo zerbitzu motak ere: egoitza, tutoretza menpeko pisua, eguneko zentroak eta etxegabeentzako zerbitzuak besteak beste.
Neurri berriekin zerbitzu guztien “normalizazioa” bultzatu nahi dutela azaldu du Ines Frances Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendariak. Egoiliarren familia eta ingurugirotik “ahalik eta hurbilen dagoen egoera bat” sustatzeko helburua du programak.
Herrialdean dauden 525 zerbitzuei ez die eragingo dekretu berriak, baina moldaketak egin beharko dituzte 15 leku berri baino gehiago sortzen badituzte etorkizunean egindako lanetan.
|
2020-12-10
|
https://www.berria.eus/albisteak/190947/bigarren-lana-euskaratu-diote-bariccori-lsquoodolik-gabersquo.htm
|
Kultura
|
Bigarren lana euskaratu diote Bariccori: ‘Odolik gabe’
|
Fernando Reyk itzuli du idazle italiarraren nobela laburra, eta Igela argitaletxearekin plazaratu. Gerra zibil zehaztu gabe bat da liburuko tramaren markoa.
|
Bigarren lana euskaratu diote Bariccori: ‘Odolik gabe’. Fernando Reyk itzuli du idazle italiarraren nobela laburra, eta Igela argitaletxearekin plazaratu. Gerra zibil zehaztu gabe bat da liburuko tramaren markoa.
|
Alessandro Bariccok (Turin, Italia, 1958) 2002an argitaratu zuen Odolik gabe nobela laburra. Ordurako, aski ezaguna zen nazioartean, XX. mendeko azken hamarkadan argitaratu zituen Castelli di rabbia (Amorru gazteluak, 1991), Oceano mare (Ozeano itsasoa, 1993) eta, batez ere, Zeta (1996) liburuei esker. Azken horrek nazioarteko irakurleen eta kritikarien oniritzia ekarri zion: ia hogei hizkuntzatara itzuli dute, eta milioika ale saldu dituzte. Euskarara ere ekarrita dago: Koldo Bigurik itzuli zuen Zeta, eta Igela argitaletxeak kaleratu, 2001ean —martxoan berrargitaratuko dute, agortuta baitago—.p>
Bariccoren beste lan bat eman dute euskaraz orain: Fernando Reyk (Iruñea, 1961) euskaratu du Senza Sangue, eta Igelarekin eman, Odolik gabe izenburuarekin. Gaur aurkeztu dute itzulpena, Donostiako Udal Liburutegian. Kontrazalean, zortzi lerroko testu hau dakar liburuak: «Etxe ahul bat landaren erdian, aita batek eta bere bi seme-alabek eutsia. Hiru gizon gauez dakartzan auto bat, mendekua helburu. Sugarrak. Zergatik egin uko biolentziari, barkamena baino eraginkorragoa bada? Zaila da mozten bortxaren haria, gerra noiz bukatzen den irabazleak erabakitzen du».
Gerra, hortxe hitz gako bat nobelaren haria ulertzeko, gerra bat baitu ardatz, Reyk nabarmendu duenez: «Gerra zibil bat da nobela honen markoa, ez da oso ongi argitzen nongoa, eta muina da gerraren beraren izugarrikeriak eta ondorioak sufritzen ditugunean pizten zaizkigun sentimendu, jokabide eta jarrerak». Errealitatea eta mundu onirikoa nahasteko gaitasun handia erabiliz, itzultzailearen ustez.
Bigarren azpimarra egin du itzultzaileak: «Giza ariman zer dagoen aztertzeko pertsonaien bitartez egiten duen bilaketa etengabea nabarmenduko nuke. Ez ditu bere pertsonaiak epaitzen, marrazten baizik». Eta irakurleak 83 orrialde ditu marrazki hori dekodetzeko. «Nobela hau sakona bezain laburra da», izan ere. Eta laburtasunak badu abantaila bat: «Liburu honetan pertsonaiak eta tokiak ez daude oso zehaztuak, eta lan hori irakurleari uzten dio».
Bi atal, bi erritmop>
Lander Majuelo Igelako editoreak, berriz, Bariccoren idazkera soil eta eliptikoa azpimarratu du. Liburuaren egitura aipatu du segidan: forman, erritmoan eta kontakeran antz handirik ez duten bi atalez osatuta dago. «Atalok bi ipuin bereizi dirudite, nahiz eta elipsi erraldoi baten osteko istorio bereko bi une izan».
Lehendabiziko atala «ekintzarena» da, Reyren arabera, Far Westeko film batera sartzearen modukoa. «Oso laster gertatzen da dena, oso zinematografikoa da. Truman Capoteren Odol hotzean ekarri zidan gogora irakurtzean». Bigarren partean, berriz, lehen ataleko pertsonaiak 40 urte pasatu eta gero topatzen dira. «Psikologikoagoa» da zati hori. «Barne mundua erakusten da hor, biolentziaren ondorioak eta ondorio horiek bizitzeko moduak. Pausatuagoa da, nahiz eta tentsioa dagoen une oro». Horixe izan omen du kezka nagusia Reyk, hain zuzen ere, testua itzultzerakoan: «Erritmoa ongi islatzea, lehen parte bizi eta eroan eta bigarren parte pausatuagoan».
Nobela labur bezain iradokitzaile bat da emaitza, Reyren ustez. «Niri oso garbi iradoki dit gerrak gaitasun bat duela gizakiak duen hoberena eta txarrena ateratzeko». Itzultzaileak erraz irudikatu du irakurle euskaldunaren burua bidaiatzen, bere bizitzara eta bere harremanak kudeatzeko modura, Euskal Herriak bizi izan duen indarkeria girora eta hor egon diren eta badiren jarreretara. «Gogoeta sakon bat pizten ahal zaio irakurleari indarkeriari buruz, mendekuari buruz, zubien premiari buruz, barkamenari buruz, enpatiari buruz, odolari buruz. Azken batean, galdera bat dago hor: nolako tokia dute gorrotoak, mendekuak eta barkamenak gure gatazketan, gure herrian?».
|
2020-12-10
|
https://www.berria.eus/albisteak/190948/loiuko-aireportuak-ohiko-bidaiari-kopuruaren-laurdena-izan-du-urrian.htm
|
Ekonomia
|
Loiuko aireportuak ohiko bidaiari kopuruaren laurdena izan du urrian
|
Hego Euskal Herriko beste aireportuek antzeko bidaiari datuak dituzte; Forondan, aldiz, iaz baino zama gehiago mugitu dute.
|
Loiuko aireportuak ohiko bidaiari kopuruaren laurdena izan du urrian. Hego Euskal Herriko beste aireportuek antzeko bidaiari datuak dituzte; Forondan, aldiz, iaz baino zama gehiago mugitu dute.
|
Hego Euskal Herriko aireportuek burua altxatu ezinda jarraitzen dute. Pandemiak eragin nabarmena izan du bidaiari kopuruan, eta udazkenean egoerak okerrera jarraitzen du. Urriko datuak argitara eman dituzte, eta Loiuko aireportuko bidaiari kopuruak %75,5 egin du behera iazko hilabete berarekin alderatuta. 134.508 pertsonak erabili dute urrian aireportua, iazkoen laurdenek baino gutxiagok. Besteetan ere beherakada nabarmena izan da: %78 bidaiari gutxiago Donostian (6.723), %76 Forondan (3.782 bidaiari), eta %72 Noainen (6.581).
Urria txarra izan da, hilabeteko datuak urteko lehen hamar hilabeteetan pilaturikoak baino okerragoak baitira. Denbora tarte hori kontuan hartu eta iazkoekin alderatuz gero, Bilboko aireportuak izan duen bidaiari beherakada %69koa izan da. Donostian, berriz, %72koa izan da jaitsiera, %72.5ekoa Forondan, eta %63,5ekoa Noainen. Gogoratzekoa da udaberrian, itxialdi garaian, ia ez zela hegaldirik egon bi hilabetez.
Bidaiari kopuruan beherakada nabarmena da; zamen mugimenduan, aldiz, ez. Horretan Foronda da erreferentziazko aireportua, Euskal Herrira iristen diren zama hegazkin gehienak han lurreratzen baitira. Bada, urrian iaz baino zama tona gehiago mugitu dira Forondan: %2.7 gehitu dira, hain zuzen. Urte osoko tona datuei erreparatuta, berriz, %3.8 bakarrik egin du behera Forondak. Alderatzen jarrita, Gasteizko aireportuak 51.328.834 kilo zama mugitu ditu aurten; Loiuk, aldiz, Euskal Herrian zama gehien mugitzen duten aireportuetan bigarrenak, 328.486 kilo.
|
2020-12-23
|
https://www.berria.eus/albisteak/190949/mahala-produktuak-berezko-zaporea.htm
|
albisteak
|
Mahala produktuak: berezko zaporea
|
Jogurtak, gaztak nahiz izozkiak eskaintzen dituzte, baita mendian hazitako txerrien txerrikiak ere. Mahalak 25 urte beteko ditu 2021ean.
|
Mahala produktuak: berezko zaporea. Jogurtak, gaztak nahiz izozkiak eskaintzen dituzte, baita mendian hazitako txerrien txerrikiak ere. Mahalak 25 urte beteko ditu 2021ean.
|
Mende laurden bat, 25 urte beteko ditu Mahalak datorren urtean. 1996an ekin zioten Mahala baserrian bertan hezitako behien esnea erabilita esnekiak egiteari, eta gelditu gabe aritu dira ordutik. Urtez urte, gainera, eskaintza zabalduz joan dira, eta hasiera hartan gazta soilik eskaintzen zuten arren, geroago jogurtak, izozkiak eta bestelako postreak eskaintzen hasi ziren. 2003an, urrats bat gehiago egitea erabaki zuten, eta instalazioak haragiak prestatu ahal izateko egokitu zituzten; horrela, gaur egun, txerriki fresko eta onduak eta hestebeteak ere egiten dituzte. Produktu guztiak ahalik eta modurik naturalenean eginak daude, eta prozesu osoaz arduratzen dira, hau da, Mahala baserrian bertan hezitako abereak elikatzeaz eta zaintzeaz arduratzeaz gain, produktuak saltokietara eramaten dituzte.
Zaila izan ohi da baserriko bizitzari eustea, eta are zailagoa baserritik bizitzea. Orain dela 35 urte ere ez zen erraza halako erabaki bat hartzea, baina Jokin Arrospide Mahalako arduradun nagusiak oso argi zuen: Mahala baserrian hezitakoa da, eta baserritik bizi nahi zuen. 1988. urte inguruaz geroztik dihardu esne behia lantzen. Garai hartan, Europako hainbat herrialdetan, Holandan esaterako, hasiak ziren esne behia sistema berriekin kudeatzen, eta Euskal Herrian ere eredu horiek ezartzen hasi ziren, besteak beste, zuzeneko esne salmentan alde batera utzi zuten. Arrospide ez zetorren bat industriek esnea kaleratzeko zuten moduarekin, eta erabaki zuen lehengaia haren kabuz transformatzea eta komertzializatzea. Azaldu du arazo asko izan zituela hasieran, eta inbertsio oso handiak egin behar izan zituela. Gainera, esan du ia laguntza ekonomikorik gabe egin behar izan zuela dena, garai hartan, instituzio eta erakundeek ez zituztelako halako proiektuak gaur egun bezala babesten eta laguntzen.
Produktu naturalen bermea
“Baina 25 urte geroago, denborak arrazoia eman dit”. Instituzioen jarrera aldatu egin dela adierazi du, eta gizarteak ere halako produktuak eskatu egiten dituela uste du. “Janaria guk geuk transformatzen dugunok beste berme bat eskaintzen dugu, lanpostuak sortzen ditugu, eta, besteak beste, ekonomia zirkularra sortzen da inguruan. Baserriaren iraunkortasuna ere bermatuagoa dago horrela”.
Prozesu oso-osoaz arduratzen diren aldetik, Arrospidek argi dauka hori produktuen kalitatea zaintzeko berme bat dela, baina, aldi berean, arazoak ere sortu ohi dituela azaldu du: “Jendea industriaren zaporera ohituta dago, berezko zaporea galdu egin da, eta industriarena indartu; aromak, egonkortzaileak eta halakoak erabiltzen dituzte. Guk, aldiz, ez dugu ez gehigarririk, ez egonkortzailerik, ez koloragarririk erabiltzen”.
Baserriaren etorkizunaz kezkatuta
Mahalako arduradunak oso gustuko du bere lana, eta etorkizunean ere horretan jarraitzeko asmoa dauka. Halere, uste du sektorea “depresio batean sartuta” dagoela. Izan ere, iruditzen zaio baserrian bizi den jendea egon badagoen arren, oso gutxik jarraitzen dutela baserriko lanak egiten, eta ez daukatela zerikusirik baserriko jarduerekin. Nabarmendu du askok uste baino zailagoa dela baserriko lanetan aritzea, eta ezinbestekoa dela lana gustatzea. “Baserrian bizi diren askok ez daukate baserria kudeatzeko gaitasunik. Barrera handi bat sortu da, oso kaltegarria dena”.
|
2020-12-10
|
https://www.berria.eus/albisteak/190950/libanoko-lehen-ministroa-auzipetu-dute-beiruteko-portuko-leherketarengatik.htm
|
Mundua
|
Libanoko lehen ministroa auzipetu dute Beiruteko portuko leherketarengatik
|
Epaileak arduragabekeria delitua leporatzen dio Hassan Diab jarduneko gobernuburuari. Harekin batera auzipetu ditu hiru ministro ohi ere.
|
Libanoko lehen ministroa auzipetu dute Beiruteko portuko leherketarengatik. Epaileak arduragabekeria delitua leporatzen dio Hassan Diab jarduneko gobernuburuari. Harekin batera auzipetu ditu hiru ministro ohi ere.
|
Joan den abuztuan Beiruteko portuan izan zen leherketa eragozteko beren ardurari iskin egitea egotzita, Fadi Sawan epaileak auzipetu egin ditu Hassan Diab Libanoko jarduneko lehen ministroa, Ghazi Zaeiter eta Youssef Fenianos Herri Lanetako ministro ohiak eta Ali Hassan Khalil Finantza ministro ohia.
Beiruteko leherketan berrehun herritar hil ziren, 6.000 lagun baino gehiago zauritu eta Beiruteko eremu zabal bat suntsituta gelditu zen. Milaka milioiren kalteak eragin zituen.
Libanoko ANN Albisteen Agentzia Nazionalak jakinarazi duenez, epaileak Diab deitu du deklaratzera astelehenean, Grand Serail gobernuaren jauregian bertan. Ministro ohiekin jarraituko du galdeketa, asteazkenera bitartean. Sawanek aurretik ere deitu ditu laurak, lekuko gisa deklaratzera.
Epaileak egungo ministroak eta 2013tik gobernuan izan diten ministro ohiak ikertzeko eskatu zion duela bi aste Libanoko Parlamentuari, portuko leherketaren gainean erantzukizunik ba ote duten argitzeko. Goi karguak ikertzeko auzitegi parlamentario berezi bat du ganberak, eta haren bidez ikerketa abiatzeko galdegin zuen Sawan epaileak. Nabih Berri parlamentuko bozeramaileak baztertu egin zuen haren eskaria. Ezezkoa jaso eta gutxira, Diab eta hiru ministro ohi arduragabekeriagatik auzipetzea erabaki du.
Al Jazeera hedabideak azaldu duenez, akusazioak jarduneko lehen ministroari eta ministro ohiei bidalitako hainbat gutun ditu oinarri. Horietan, agintariei ohartarazi zieten Beiruteko portuan 3.000 tona inguru lehergai zegoela pilatuta.
Lehen ministroaren bulegoak adierazi du Diab «harrituta» dagoela akusazioarengatik eta «kontzientzia garbi» duela. Leherketaren aferan «gardentasunez» jokatu duela ziurtatu du. Lehen ministroak esana du ekainaren 3an izan zuela lehergai pilatuaren berri, baina Estatu Segurtasunerako Agentziaren txosten baten zain gelditu zela aginduren bat eman aurretik. Haren hitzetan, txostena uztailaren amaieran jaso zuen, eta informazioa auziaren gaineko ardurak zituzten ministroekin aztertzeko asmoa zuen. Neurriak hartu baino lehen gertatu zen leherketa.
Bestalde, Diabek jakinarazi du ez diola erantzungo epaileak galdeketa baterako bidali dion deialdiari. Diaben iritziz, Sawanek dagozkion eskumenak gainditu ditu eta konstituzioa urratu du, parlamentuarenak diren egitekoak bere gain hartuta. Lehen ministroak ziurtatu du parlamentuaren auzitegi berezi batena dela goi agintariak epaitzeko eskuduntza.
Diabekin eta hiru ministro ohiekin, guztira 37 dira akusatuak Beiruteko portuko leherketaren auzian. Horietatik, 25 espetxean daude.
Libanoko Gobernuak dimisioa eman zuen leherketa gertatu eta egun gutxira.
|
2020-12-10
|
https://www.berria.eus/albisteak/190951/bazterrekotzat-jotzen-diren-biktimen-aldeko-lanagatik-beristaini-eman-diote-rene-cassin-saria.htm
|
Politika
|
«Bazterrekotzat jotzen diren biktimen» aldeko lanagatik, Beristaini eman diote Rene Cassin saria
|
Latinoamerikan, Mendebaldeko Saharan eta Euskal Herrian giza eskubideen alde egindako guztia aitortu zaio sariaren banaketan.
|
«Bazterrekotzat jotzen diren biktimen» aldeko lanagatik, Beristaini eman diote Rene Cassin saria. Latinoamerikan, Mendebaldeko Saharan eta Euskal Herrian giza eskubideen alde egindako guztia aitortu zaio sariaren banaketan.
|
«Ez dut hitzik esateko zer esan nahi duen sari hau jasotzeak». Pandemia garaia izanik, prebentzio neurriek berezko hoztasuna eman badiote ere, Rene Cassin sariaren ekitaldian hunkituta agertu da Carlos Martin Beristain mediku bilbotarra. Guatemalan, Kolonbian, Mendebaldeko Saharan, Mexikon eta Euskal Herrian, Glencree programaren edo torturaren inguruko ikerketaren bidez, desagertuen eta biktimen aldeko lanean aritu da Beristain, eta Eusko Jaurlaritzak Rene Cassin saria eman dio.
Beristainen ibilbidearen inguruko goraipamen ugari entzun dira ekitaldian, eta tartean, bideo bidez, berekin orpoz orpo lan egin dutenen zein biktimen senideen hitzak ere entzun dira. Irati Agirrezkuenaga ikerlariak, kasu, Eduardo Galeanoren poema bat irakurri eta Beristain gogora ekartzen diola nabarmendu du: «Bazterrekotzat jotzen diren horiek besarkaden planora ekartzeko egiten duzun lan nekaezinagatik. Hitzak mugarrietatik atera eta doinu armoniatsuetan mintza daitezen lortzen duzulako».
Bere hitzaldian, Guatemalan Inoiz ez ikerketan parte hartu zuen, desagertutako 5.000 lagunen inguruko testigantzak eta frogak bilduz. Kolonbian, egiaren batzordean parte hartu du «20.000 biktimaren eskutik». Edo Mexikon, Ayotzinapan desagertutako 43 ikasleen ikerketan. «Askotan esaten ziguten ezingo genuela ezer egin, ez zigutela ezer egiten utziko, Biktimak dira giza eskubideen eskubideen defentsaren iturria, funtsa, eta horri esker jakin genuen estatuko agintari batzuk, narkotrafikoarekin batera inplikatuta zirela, oraindik ere amaitu ez den bidean».
Nazioartean biktimen alde egindako lanaz gain, epaimahaiak Euskal Herrian egin duen lana ere goraipatu nahi izan du. Gizartea polarizatuta eta egunerokoan batzuk besteengandik bereizten zituzten hitzak nagusi zirenean, «Carlosek beti bere tokian egoten» jakin duela nabarmendu dute, «muturrean diren posizioak disolbatzen eta gizartea elkarrengana biltzen». Beristainek gogoan hartu du nola Glencree programan, ETAren zein estatuaren indarkeria jasan duten biktimek elkar entzun ahala sufrimendua jarri duenaren albo berean zirela jabetu zirenekoa.
Saria jaso eta Iñigo Urkulluk bere hitzaldi laburrean nabarmendu du giza eskubideen hitzarmeneko lehen artikuluak dioena izan dela Beristainen ardatza bere ibilbidean: «Gizaki oro aske jaio eta duintasunean berdinak direla dio. Ideia horrek laburbiltzen ditu Beristainen egia eta balioak».
|
2020-12-10
|
https://www.berria.eus/albisteak/190952/aramaion-eta-arrasaten-pcr-probak-egitera-deitu-dute.htm
|
Gizartea
|
Aramaion eta Arrasaten PCR probak egitera deitu dute
|
Aramaion eta Arrasaten PCR probak egitera deitu dute.
|
Sei urtetik gorako herritar guztiak PCRak egitera deitu dituzte Aramaion eta Arrasaten. Jaurlaritzaren Osasun Sailak eta Osakidetzak egindako oharraren arabera, beharrezkoa da aurrez izena ematea. Bihar goizean hasita asteburu osoan 08:00etatik 20:00etara deitu ahal izango da Arrasateko Osasun etxera, 943035250 telefonora; edo Osasun Aholkularitzarako telefonora: 900203050.
Deba Garaiko ospitaleko kanpo arretarako eraikinean atonduko da PCRak egiteko gunea datorren astelehenetik abenduaren 18ra arte, ostiralera arte.
Ikastetxetako eta unibertsitatek ikasleek ez dute aurrez eskatu beharko txanda, ikastetxe bakoitzeko zuzendaritzak antolatuko dituztelako. SMS bidez jakinaraziko dituzte emaitzak.
|
|
2020-12-10
|
https://www.berria.eus/albisteak/190953/trumpek-mendebaldeko-sahararen-gaineko-subiranotasuna-aitortu-dio-marokori.htm
|
Mundua
|
Trumpek Mendebaldeko Sahararen gaineko subiranotasuna aitortu dio Marokori
|
Marokok eta Israelek harremanak normalizatzeko ituna sinatu dutela aurreratu du AEBetako jarduneko presidenteak.
|
Trumpek Mendebaldeko Sahararen gaineko subiranotasuna aitortu dio Marokori. Marokok eta Israelek harremanak normalizatzeko ituna sinatu dutela aurreratu du AEBetako jarduneko presidenteak.
|
Etxe Zuria uzteko aste gutxi falta dituen arren, nazioarteko harremanak baldintzatu ditzaketen erabakiak hartzen jarraitzen du Donald Trump AEBetako jarduneko presidenteak. Orain, Mendebaldeko Sahararen gatazkari dagokion neurria iragarri du, Twitter bidez. Jakinarazi duenez, Marokori Mendebaldeko Sahararen gaineko subiranotasuna aitortzen dion adierazpen bat sinatu du.
Trumpen arabera, Mendebaldeko Sahara Marokoren barruko lurralde autonomo bihurtzeko proposamena da «bake iraunkor baterako eta aberastasunerako irtenbide justu eta egonkor baten oinarri serio, sinesgarri eta errealista bakarra». Gogorarazi du Marokok 1777an aitortu zituela AEBak, eta, beraz, «egokia» dela orain Rabati Mendebaldeko Sahararen gaineko subiranotasuna aitortzea.
Fronte Polisarioak gaitzetsi egin du AEBen erabakia, eta gaineratu du haren keinuak ez duela aldatzen Mendebaldeko Sahararen «izaera juridikoa». Nazio Batuen Erakundeak Segurtasun Kontseiluaren erabakietan oinarritutako irtenbide bat babesten jarraitzen duela argitu du.
AEBetako Gobernuak Marokori Mendebaldeko Sahararen gaineko subiranotasuna aitortzeko erabakia, lurralde hari lotutako gatazkak indar hartu duen garaian iritsi da. Fronte Polisarioak hautsitzat jo du Rabatekin 1991an sinatu zuen su-etena, Marokori ituna urratzea leporatuta. Polisarioak gerra egoera ezarri zuen, Marokoko armadak Guergueraten eraso egin ziela argudiatuta.
Sahararrek ia 30 urte daramatzate autodeterminazio erreferendum baten zain, Marokok su-eten akordioan irtenbide hori onartu eta NBE Nazio Batuen Erakundeak erreferenduma antolatzeko Minurso misioa eratu zuenetik, 1991an. Pazientzia agortu zaiela adierazi dute herrialdeko agintariek, eta NBEri eskatu diote hartutako konpromisoa betetzeko.
Beste akordio baten parte
Trumpek aurreratu duenez, Marokok eta Israelek harremanak normalizatzeko ituna sinatu dute, eta akordio horren parte da Washingtonek Rabati egin dion aitortza. Abuztutik hona, Israelekin harremanak normalizatu dituen laugarren herrialde arabiarra da Maroko. Bahrainek, Arabiar Emirerri Batuek eta Sudanek eman dute urrats bera aurretik.
Itunak jasotzen duenez, Marokok harreman diplomatiko normalizatuak hasiko ditu Israelekin, eta estatu judutik irteten diren hegaldiak baimenduko ditu bere aire eremuan.
Jared Kushner Etxe Zuriko goi aholkulariak Reuters berri agentziari azaldu dionez, Rabaten eta Tel Aviven enbaxadak irekitzeko lanak hasiko dituzte bi estatuek, eta elkarlan ekonomikoa sustatuko dute enpresa marokoar eta israeldarren artean.
Saudi Arabiak ere Israelekin antzeko itun bat sinatzea «saihestezina» da, Kushnerren iritziz. Dena den, oraingoz ez dira mamitu Washingtonek horretarako egin dituen ahaleginak. Riadek adierazi du oraindik ez dagoela urrats hori emateko prest.
Saudi Arabiako Atzerri ministro Faisal bin Farhan Al Saud printzeak azaldu duenez, herrialdeak halako neurri bat aztertzeko baldintza ezinbestekoa da bake akordio batek «estatu palestinar duin bat» eta «palestinarrek onar dezaketen subiranotasun bat» jasotzea.
Palestinako agintariek gogor kritikatu dituzte Israelen eta herrialde arabiarren arteko itunak. Bahraini, Arabiar Emirerri Batuei eta Sudani leporatu diete Israel hizketakide zilegi gisa aitortzea, hark Palestinako lurrak okupatzen jarraitzen duen arren.
Trumpek urtarrilaren 20an utziko du Etxe Zuria, eta haren lekua hartuko du Joe Biden presidente hautatuak. Gobernuburu izango denak Trumpen atzerri politikarekiko aldaketak iragarri dituen arren, Israelen eta herrialde arabiarren arteko akordioak bilatzen jarraituko duela esana du.
|
2020-12-10
|
https://www.berria.eus/albisteak/190954/eutanasia-legeak-pauso-bat-eman-du-espainiako-kongresuan.htm
|
Politika
|
Eutanasia Legeak pauso bat eman du Espainiako Kongresuan
|
Justizia Batzordean onartu dute lege proposamena, 36tik 22 boto eskuratuta.
|
Eutanasia Legeak pauso bat eman du Espainiako Kongresuan. Justizia Batzordean onartu dute lege proposamena, 36tik 22 boto eskuratuta.
|
Espainiako Kongresuko Justizia Batzordeak onartu egin du Eutanasia Arautzeko Lege Organikoaren proposamena, 36 kideetatik 22k aldeko botoa emanda. PSOEk proposatu du araua, eta PPk eta Voxek eman dute haren aurkako botoa. Hurrengo pausoa osoko bilkuran onartzea da, eta litekeena da urrats hori urtea amaitu baino lehen egitea. Senatuaren onespena beharko luke gero.
Eztabaidan, alderdi politiko gehienek beharrezkotzat edo ontzat jo dute araua. Legegaiaren arabera, gaixotasun larri eta sendaezinen bat edo pairamen larri, kroniko eta ezintasunen bat eragiteko modukoa duten pertsonei eman ahalko zaie eutanasia, osasun zentroetan nahiz etxebizitzan. Hiltzeko erabakiak autonomoa eta informatua izan beharko du, kanpoko presiorik gabe, eta gutxienez bi aldiz eskatu beharko du pazienteak, gutxienez hamabost eguneko tartearekin. Publikoki finantzatuko da, eta osasun langileek kontzientzia eragozpena azaltzeko aukera izango dute.
Maria Luis Carcedo PSOEko diputatuak PPren eta Voxen jarrera txarretsi du, "demagogia merkea" egiten dutelakoan: "Espero dut, bihotzez, ez zuek eta ezta zuen gertukoek ere lege hau ez erabili behar izatea". Rosa Maria Medel Unidas Podemoseko diputatuak nabarmendu du ez dela inor "behartzen" eutanasia hartzera, eta "heriotza duinerako eskubidea" bermatu nahi dutela. EAJko diputatu Joseba Agirretxeak, berriz, beharrezko jo du "uste propioez haragoko" legeak egitea: "Guztientzako legeria bat behar da".
Iñaki Ruiz de Pinedo EH Bilduko diputatua pozik agertu zen, hogei urtean hamazazpi saio egin direlako legea aurrera ateratzeko eta, itxuraz, oraingoan onartu egingo delako: "Aurrerapauso garrantzitsua da. Espero dugu etorkizunean zuzentzea egungo mugak eta hobetu beharreko gaiak".
PPk eta Voxek Espainiako Gobernuari egotzi diote legea "azpikeriaz" onartu nahi izatea. Jose Ignacio Echaniz PPko diputatuaren arabera, "zaintza aringarri onekin, eutanasia bezerorik gabe geratzen da; aldiz, zaintza aringarri onik gabe, sufritzen ari dena eutanasiara bultzatzen da". Lourdes Mendez Voxeko diputatuak, berriz, "kriminaltzat" deskribatu du lege egitasmoa.
|
2020-12-10
|
https://www.berria.eus/albisteak/190955/murgiltze-eredua-frantziako-hezkuntza-kodean-sartzea-onartu-du-senatuak.htm
|
Gizartea
|
Murgiltze eredua Frantziako Hezkuntza Kodean sartzea onartu du Senatuak
|
Ondarea babesteko eta eskualdeko hizkuntzak sustatzeko lege proposamena bozkatu dute, eta Frantziako Gobernuaren kontrako gehiengoa osatu dute zenbait emendakin onartzeko.
|
Murgiltze eredua Frantziako Hezkuntza Kodean sartzea onartu du Senatuak. Ondarea babesteko eta eskualdeko hizkuntzak sustatzeko lege proposamena bozkatu dute, eta Frantziako Gobernuaren kontrako gehiengoa osatu dute zenbait emendakin onartzeko.
|
Frantziako Senatuak hizkuntza gutxituen aldeko zenbait neurri onartu ditu gaur, Ondarea babesteko eta eskualdeko hizkuntzen sustapenerako lege proposamenean. Besteak beste, murgiltze eredua Frantziako Hezkuntza Kodean sartzea onartu dute. Orain arte, hizkuntza gutxituak irakasgai gisa ala sail elebidunean irakastea biltzen zuen Hezkuntza Kodeak, Senatuak bozkatu duen lege proposamenak, murgiltze eredua ere biltzea onartu du: «murgiltze irakaskuntza eskualdeko hizkuntzan, frantses hizkuntzaren ezagutza kaltetu gabe».
Paul Molac diputatuak egin zuen lege proposamena Frantziako Asanblean, eta Senatuan bozkatu dute gaur. Baina senatariek Frantziako Gobernuaren iritziaren kontrako gehiengoa osatu dute, eta hizkuntza gutxituen irakaskuntzaren aldeko zenbait neurri gehitu dizkiote lege proposamenari. Orain Frantziako Asanbleara itzuliko da lege proposamena, azken bozketarentzat. Ikusteko dago zer moldaketa eginen dizkioten. «Ikusi beharko da Asanblean zer atxikitzen duten, baina Frantziako Gobernuaren posizioa ahultzen du», azaldu du Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak.
|
2020-12-10
|
https://www.berria.eus/albisteak/190956/konfinamenduaren-ordez-etxeratze-agindua-izanen-da-ipar-euskal-herrian.htm
|
Gizartea
|
Konfinamenduaren ordez etxeratze agindua izanen da Ipar Euskal Herrian
|
Abenduaren 15etik aitzina ezarriko du neurria Frantziako Gobernuak. Abenduaren 24an izan ezik, 20:00etatik 06:00etara etxean gelditu beharko dute herritarrek
|
Konfinamenduaren ordez etxeratze agindua izanen da Ipar Euskal Herrian. Abenduaren 15etik aitzina ezarriko du neurria Frantziako Gobernuak. Abenduaren 24an izan ezik, 20:00etatik 06:00etara etxean gelditu beharko dute herritarrek
|
Abenduaren 15etik aitzina osasun egoerari aurre egiteko neurriak egokituko zituela erran zuen Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, eta gaur jakinarazi ditu Jean Castex Lehen ministroak. Konfinamenduaren ordez, etxeratze agindua izanen da Ipar Euskal Herrian heldu den asteartetik aitzina, eta, beraz, ziurtagiririk gabe ateratzen ahalko dira karrika herritarrak. 20:00etatik 06:00etara izanen da etxeratze aginduaren neurria, abenduaren 24an ezik, gainerako egun guzietan, abenduaren 31 barne. Urtezaharreko gaua libre utziko zuela iragarri zuen Frantziako presidenteak, baina osasun egoerak gibel egitera behartu du.
Urri bukaeran mintzatu zen Macron, eta baldintza bat eman zuen konfinamendutik ateratzeko: Frantzian COVID-19ak kutsatutako gaixoen eguneko positibo kopurua 5.000 kasutik beherakoa izatea; Azken zazpi egunetan 11 368 kasu detektatu dituzte egunean, bataz bestean. Hala ere, orain arte hartutako neurriak arintzea erabaki du Frantziako Gobernuak, herritarrei egunean zehar ateratzeko baimena emanez. Baina etxeratze agindu garaian poliziari kontrolak areagotzeko eskatu diola iragarri du Castexek. Ordu horietan «balizko arrazoi eta ziurtagiririk gabe» kontrolatua denak 135 euroko isuna arriskatuko du.
Hala, publikoari harrera egiten dioten leku publikoak -zinemak, antzokiak, museoak, kiroldegiak...- itxiak egon beharko dira, gutxienez beste hiru astez. Osasun egoeraren bilakaeraren arabera erabakiko dute urtarrilaren 7tik aitzina ireki ala ez.
|
2020-12-10
|
https://www.berria.eus/albisteak/190957/realak-aurrera-egin-du-europa-ligan-willian-josek-partidaren-hondarrean-egindako-gol-bati-esker.htm
|
Kirola
|
Realak aurrera egin du Europa ligan, Willian Josek partidaren hondarrean egindako gol bati esker
|
Willian Josek 91. minutuen egin du berdinketaren gola, eta final-hamaseirenetan izango dira txuri-urdinak. Donostiarrek atzetik egin dute neurketaren zatirik handiena; saiatzen segi izanak eman dio txartela. Rijekak 2-1 irabazi dio AZ Alkmaarri.
|
Realak aurrera egin du Europa ligan, Willian Josek partidaren hondarrean egindako gol bati esker. Willian Josek 91. minutuen egin du berdinketaren gola, eta final-hamaseirenetan izango dira txuri-urdinak. Donostiarrek atzetik egin dute neurketaren zatirik handiena; saiatzen segi izanak eman dio txartela. Rijekak 2-1 irabazi dio AZ Alkmaarri.
|
Etsita zirudienean suspertu da Reala. Aurrera egiteko aukerek galduta ziruditenean, Europa ligan segitzeko maldak penditzik gogorrena zuen unean, gol bat egin du Willian Josek, 91. minutuan, eta gisa horretara final-hamaseirenetarako txartela lortu dute Imanol Alguacilen jokalariek. Ordura artekoari erreparatuta balekoa zen berdinketa (1-1), Rijekaren eta AZ Alkmaarren arteko neurketaren markagailua ondorio berarekin heldua baitzen partidaren hondarrera. Willian Josek baloia sareetara bota duen unean, ordea, gauza bera egin du Rijekak. Halaxe uxatu dira donostiarren zalantzak eta urduritasunak: Europan ligan segiko du Realak.
Arauzko denbora bete denean zalerik baikorrenek ere nekez sinets zezaketen txuri-urdinen aukeretan. Gol bakarraren beharra zuten donostiarrek, eta ezin lortuz ibili dira. Maldan gora egin dute norgehiagokaren zatirik handiena; 34. minutuan Zelinskik egindako jaurtiketa indartsu baten ostean lortu dute aurretik jartzea.
Zelaian presentzia handiago izan du Realak. Presio altu batekin ekin dio neurketari, eta baloiak bizkor berreskuratu ditu. Ezin, ordea azken metroetan minik egin. Aukera onak galdu ditu, eta horrek ate aurreko ezinaren mamua haizatu du berriz. Hala igaro da partidaren unerik gehiena. Harik eta kolpe batek egoera aldatu duen arte. Willian Josek azken unean sareratutako baloiak orekatu du markagailua, eta, horrekin batera, Europa ligako F multzoa. Kostata, sufrituta, baina hurrengo faseko zozketan izango da Reala. Hori da balio duen bakarra.
|
2020-12-10
|
https://www.berria.eus/albisteak/190958/europako-batasunak-bere-suspertze-planaren-blokeoa-gainditu-du.htm
|
Ekonomia
|
Europako Batasunak bere suspertze planaren blokeoa gainditu du
|
EBko kideek ontzat hartu dute Poloniaren eta Hungariaren betoa gainditzeko akordioa. Jokaera antidemokratikoengatik funtsak galtzeko aukerak urritu dituztela uste dute Varsoviak eta Budapestek
|
Europako Batasunak bere suspertze planaren blokeoa gainditu du. EBko kideek ontzat hartu dute Poloniaren eta Hungariaren betoa gainditzeko akordioa. Jokaera antidemokratikoengatik funtsak galtzeko aukerak urritu dituztela uste dute Varsoviak eta Budapestek
|
Poloniak eta Hungariak jarritako hesi handia gainditu du Europako Batasuneko suspertze funtsak. Bruselako goi bileran, bi herrialde horiek ontzat hartu dute EBren 2021-2027 aurrekontuei jarritako betoa altxatzea, funts horiek beraiek galtzeko aukerak urritzen dituen akordio bat erdietsi ondoren. Europako Parlamentuak gobernuburuek negoziatutakoari onespena emanez gero, aurrekontu proiektuak aurrera egingo du, eta harekin batera 750.000 milioi euroren funts bereziak, Next Generation planak.
Baliteke diru horretatik dozenaka mila batzuk iristea Euskal Herrira, eta batez ere trantsizio energetikora eta klima aldaketari aurre egiteko proiektuetara bideratuko dira.
EBko gobernuburuen goi bileraren lehen helburuetako bat zen aurrekontuaren korapiloa askatzea, eta arratsaldearen amaieran lortu egin zutela jakinarazi du Charles Michel Europar Kontseiluko presidenteak: «Akordioa lortu dugu aurrekontuei eta suspertze planari buruz. Orain has gaitezke horiek betetzen eta geure ekonomiak berreraikitzen».
Alemaniaren lana izan da Poloniaren eta Hungariaren betoa gainditzeko modua aurkitzea, Berlini baitagokio EBko jarduneko lehendakaritza. Asteazkenean lortu zuen akordioaren aurreko bat, eta gaur Europar Kontseiluak ontzat hartu du.
Arauen errespetua
Gatazka eragin zuen arauak ez du aldaketarik izango: Next Generation planaren dirua nahi duenak zuzenbide estatua errespetatu beharko du. Klausula hori Polonia eta Hungaria buruan zituztela jarri zituzten EBko beste kideek, nekatuta baitaude Varsoviako eta Hungariako gobernuen jokaera antidemokratiko batzuekin. Gutxiengoen aurkako neurriak hartzea, prentsa askatasuna bortxatzea eta epaitegien independentzia ez errespetatzea leporatzen diete, besteak beste. Kontu horiengatik hainbat zigor espediente ireki dizkie Bruselak, baina oraingoz ez dute zigorrik jaso horien ondorioz, ahobatekotasunik ez delako izan.
Klausulak hor jarraituko duen arren, ezartzeko aukerak gutxitu dituztela uste dute Poloniak eta Hungariak. Batetik, deklarazio bat lortu dute esaten duena klausula «objektiboki, inpartzialki eta modu justu batean» soilik ezarri ahal izango dela, eta herrialde guztiei aplika ahal zaiela. Bestetik, herrialde batek zigor prozeduraren aurkako helegitea jarri ahal izango du Europako Justizia Auzitegian, eta hark izango du azken hitza.
Poloniaren eta Hungariaren kalkulua da haiek zigortzeko prozedura hasiko balitz ere, luze joko duela auzitegiak epaia kaleratu arte, eta ordurako dirua gastatuta izango dutela. Aurrekontuetan eta beste kasu batzuetan ez bezala, Next Generation planari dagozkion erabakiek ez dute EBko kide guztien onespena behar, gehiengo batena baizik.
|
2020-12-10
|
https://www.berria.eus/albisteak/190959/gurasosek-iragarri-du-erraustegiaren-labeak-ez-daudela-homologatuta.htm
|
Gizartea
|
GuraSOSek iragarri du erraustegiaren labeak ez daudela homologatuta
|
Taldeak jakinarazi duenez, Gipuzkoako Diputazioak transformadore nagusia aurkeztuko du Zubietako erraustegira bihar egingo duen bisitan.
|
GuraSOSek iragarri du erraustegiaren labeak ez daudela homologatuta. Taldeak jakinarazi duenez, Gipuzkoako Diputazioak transformadore nagusia aurkeztuko du Zubietako erraustegira bihar egingo duen bisitan.
|
Zubietako (Gipuzkoa) erraustegira bisita egingo dute gaur Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak, eta bertan erakutsiko dute Alemaniatik heldu berri den transformadore nagusia. Hala jakinarazi du GuraSOSek hainbat hedabiderekin egindako bilera batean. Transformadore nagusia irailaren 1ean erre zen, pizten saiatu zirenean. Abuztuaren 17an eman zioten erraustegiari abian jartzeko behin-behineko baimena Eusko Jaurlaritzako Industria sailetik, baina azaroaren 15ean epea amaitu zitzaion.
Asensiok eta Olanok «Gipuzkoako Ingurumen Gunea» abian jartzeko ekitaldia egingo dute. Alabaina, GuraSOSek ohartarazi du oraingoz transformadorea frogatu egin beharko dutela, eta martxan jartzeko baimenak eskuratu. «Oraingoz ez du halakorik, aurrekoan Asensiok aurkeztu zuen Industriaren dokumentuak ordezko transformadoreak aipatzen baititu». Guraso taldeak iragarri du fiskaltzara joko duela hurrengo orduotan erraustegia legeztatzeko prozesuan atzeman dituen «irregulartasunak» salatzeko.
Bestalde, beste informazio bat ere eman du. Hain zuzen ere, erraustegiaren bi labeak «homologatu» eta «legeztatu gabe» daudela. «Bi labeak ez daude seriean eginda, baizik eta erraustegi honetarako propio sortuta. Horrek esan nahi du tenperaturarik gorenean jarri behar direla martxan homologatu ahal izateko. Erabili dituzten ordezko transformadoreekin ezin izan dute tenperatura horretara iritsi, ez daukatelako behar besteko potentziarik». GuraSOSek iragarri du 100.000 tona hondakin erraustu dituztela homologatu gabeko bi labetan, eta gaineratu du Nortegasera joko duela gas gehiagorekin hornitu ez dezan eskatzera.
Gaur EH Bilduk «gezurretan aritzea» egotzi dio Gipuzkoako Foru Aldundiari, eta gogoratu du ez dela hondakinak «balorizatzen ari», baizik eta errausten, «energiarik sortu gabe». Europako hondakinen tratamendua aipatuz, EH Bilduk ohartarazi du zabortegira isurtzearen parekoa dela energiarik sortu gabe erraustea, eta ildo horretan salatu du Zubietan «hondakinak erretzen dituen zabortegi bat» dagoela.
Gainera, EH Bilduk adierazi du Gipuzkoa hondakinak bidaltzen ari dela Bizkaira. «Badakigu hilean 1.000 eta 2.000 tona artean ari direla Jatako zabortegira bideratzen. Beraz, gezurra da esatea Gipuzkoak ez dituela hondakinak bidaltzen zabortegira, aurreko astean Asensiok egin zuen bezala».
IBBren baimena
GuraSOS elkarteak uste du irregulartasun zantzu asko daudela tramite administratiboan, eta benetako helburua izan dela ingurumen baimen bateratua salbatzea. Izan ere, ingurumen baimen bateratua (IBB) bera baliogabetuta dagoelakoan dago. Jaurlaritzak 2016ko apirilaren 11n eman zion IBBa GHKri, 48 hilabeteko epearekin. Jaurlaritzak egindako kalkuluen arabera, 2020ko martxoan eta apirilean alarma egoera indarrean izandako denbora kenduta, uztailaren 7an iraungitzekoa zen IBBa. Ekainaren 12an joan zen Zubietako plantara halako instalazioen ingurumen ikuskatzeaz arduratzen den teknikaria eta erraustegia martxan jartzeko moduan zela ebatzi zuen. Horrela, Jaurlaritzako Ingurumen sailburuorde Elena Morenok ekainaren 16an eman zion erraustegiari IBBa, obrak amaituta zeudela frogatutzat jo ostean.
Bi egun geroago egin zuten plantaren ikuskatzea Jaurlaritzaren Industria Saileko teknikariek, eta instalazioaren sistema elektrikoan bost hutsegite topatu zituzten. IBBa iraungitzea kolpe itzela litzateke erraustegiarentzat, proiektua zerotik hastera eta kontratua bertan behera uztera behartuko lukeelako.
|
2020-12-10
|
https://www.berria.eus/albisteak/190960/nafarroak-ere-konfinamendu-perimetrala-arinduko-du-eguberrietan.htm
|
Gizartea
|
Nafarroak ere konfinamendu perimetrala arinduko du Eguberrietan
|
Abenduaren 23tik 26ra eta 30etik urtarrilaren 2ra kenduko dute Nafarroatik irteteko debekua.
|
Nafarroak ere konfinamendu perimetrala arinduko du Eguberrietan. Abenduaren 23tik 26ra eta 30etik urtarrilaren 2ra kenduko dute Nafarroatik irteteko debekua.
|
Nafarroan neurriak arinduko dituzte Eguberrietan, Santos Indurain Osasun kontseilariak jakinarazi duenez. Konfinamendu perimetrala kenduko dute abenduaren 23tik 26ra eta 30etik urtarrilaren 2ra, eta, beraz, nafarrak herrialdetik irten ahalko dira epe horietan.
Gainera, Gabon eta Urtezahar gauetan 01:30era atzeratu dute etxeratze agindua, eta gomendatu dute ez elkartzea hamar pertsona baino gehiago edo bi bizikidetza unitate baino gehiago. Indurainek herritarrei eskatu die Gabonetan «ahalik eta zuhurtzia handienarekin» jokatzeko: «Oreka bilatu behar da kontserbadoreak izatearen eta malgutzearen artean».
Nafarroako ostalariak, berriz, gobernuko ordezkariekin batzartu dira, eta Osasun Departamentuak sektoreari proposatu dio ostatuak zabaltzeko ordutegia 22:00ak arte luzatzea ostegunetik aurrera. Gainera, ostatuen barruan aforoa %30ekoa izatea proposatu du gobernuak.
|
2020-12-11
|
https://www.berria.eus/albisteak/190992/gizon-bat-atxilotu-dute-arrotxapean-katana-batekin-bikotekideari-erasotzen-saiatzeagatik.htm
|
Gizartea
|
Gizon bat atxilotu dute Arrotxapean katana batekin bikotekideari erasotzen saiatzeagatik
|
Etxean zeuden lau adingabeetako batek eragotzi zuen erasoa, eta erasotzailea gela batean giltzapetu zen, 60 zentimetroko xaflako katana batekin.
|
Gizon bat atxilotu dute Arrotxapean katana batekin bikotekideari erasotzen saiatzeagatik. Etxean zeuden lau adingabeetako batek eragotzi zuen erasoa, eta erasotzailea gela batean giltzapetu zen, 60 zentimetroko xaflako katana batekin.
|
Iruñeko Udaltzaingoak gizon bat atxilotu du bart Arrotxapea auzoan. Atxilotua 60 zentimetroko xafla zuen katana batekin bikotekideari erasotzen saiatu zen, baina etxean zeuden lau adingabeetako batek eragotzi zion. Gero, gela batean giltzapetu zen erasotzailea, Polizia heldu zen arte.
Minutu batzuetan negoziatzen jardun ostean, gizonak amore eman zuen, eta atxilotu egin zuten, hiru delitu egotzita: tratu txarrak egitea familiari, arma debekatuak edukitzea eta espetxeratze agindu bat ez betetzea.
|
2020-12-11
|
https://www.berria.eus/albisteak/190993/2030-urterako-isurketak-55eraino-murriztea-adostu-du-ebk.htm
|
Mundua
|
2030. urterako isurketak %55eraino murriztea adostu du EBk
|
Estatu kideetako agintariek goizaldean lortu dute ituna, herrialde batzuen jarrerak negoziazioa eten ondoren. Klima larrialdiari buruzko goi bilera baten bezperan hartu dute erabakia.
|
2030. urterako isurketak %55eraino murriztea adostu du EBk. Estatu kideetako agintariek goizaldean lortu dute ituna, herrialde batzuen jarrerak negoziazioa eten ondoren. Klima larrialdiari buruzko goi bilera baten bezperan hartu dute erabakia.
|
EB Europako Batasunak karbono neutraltasuna lortu nahi du 2050erako, eta gaur goizaldean urrats garrantzitsu bat egin du norabide horretan: 2030. urterako isurketak murrizteko helburua %55ra igotzea adostu dute estatu kideek, 1990eko maila oinarri hartuta. Aldaketa esanguratsua da, %40an baitzegoen aurreko adostasuneko kopurua.
Negoziazio luzea eta zaila izan da, Europa erdialdeko eta ekialdeko hainbat herrialdek oraindik ere ikatz asko erabiltzen dutelako energia beharrak asetzeko; tartean, Polonia, Hungaria eta Txekia. Berez, estatu kideak urriko goi bileran ziren auzi horri buruz erabaki bat hartzekoak, baina herrialde horietako agintariek zalantza handiak zituzten murrizketa lortzeko trantsizioa finantzatzearen inguruan; azkenean, 1,82 trilioi euroko funtsaren %30 erabiliko dute aldaketa horiek sustatzeko.
Europar Kontseiluko presidente Charles Michelek iragarri du akordioa goizean, Twitter sare sozialaren bidez: «Europa buru da klima aldaketaren kontrako borrokan», idatzi du. Goi bilerako ondorioen dokumentuan, berriz, estatu kideek azaldu dute murrizketa helburu berria ekonomia hazkundeari lotuta egongo dela: «Gure klimari buruzko anbizioak honela sustatuko ditugu: ekonomiaren hazkunde jasangarria izateko, lanpostuak sortzeko, EBko herritarrek ingurumen eta osasun onurak izan ditzaten, eta EBren ekonomiaren luzera begirako lehiakortasun globalari lagun diezaion, teknologia berdeen berrikuntza sustatuz».
Polonia eta ikatz asko erretzen duten beste hainbat herrialde konbentzitzea ezinbestekoa zen, erabakia talde komunitarioaren aurrekontuen eta suspertze planaren negoziazioen menpe ere bazegoelako; berez, bi auziek ez dute loturarik, baina azkenean dena nahaspilatu da, eta batean betoa kentzeak bestearen arrakasta eragin du. Besteak beste, hauxe hitzeman diete zalantzak zituzten herrialdeei: diru laguntzak edukiko dituztela, arauak moldatu egingo direla haien mesedetan, eta, ikatza ordezkatzeko, gas naturala eta energia nuklearra erabili ahalko dituztela.
2030. urtera begirako helburuak kalkulatzeko, kontuan hartuko dute nekazaritzak eta basoek xurgaturiko CO2 gasa. Halere, kalkulu hori nola egiten den gai arantzatsua izango da; izan ere, herrialdeek kopuru ahalik eta handiena kalkulatu nahiko dute, industriaren eta ekonomiako bestelako alorren isurketak ahal bezain gutxi murriztu ahal izateko.
Orain, Europako Batzordeak eta Europako Parlamentuak zeresana izango dute helburu horietan; batzordeak %55eko murrizketa eskatu zuen, baina parlamentuak kopurua gutxienez %60 izatea nahi du, eta, hortaz, estatu kideetako agintariek eurodiputatuekin ere negoziatu beharko dute erabakia, ganberan izango duten bozketari begira. EBko hiru erakunde horien arteko elkarrizketak izango dira erabakia indarrean jartzeko azken txanpa.
Ikusteko dago, beraz, negoziazio horien ondorioz aldaketarik izango den adosturiko kopuruan, baina talde ekologistek anbizio handiagoa eskatu diete talde komunitarioko agintariei, helburuak gutxienez %65ekoa izan behar delakoan.
Nazioartearen joerari jarraituz
EBren asmoek bat egiten dute nazioarteko hainbat estatuk urteotan hartu dituzten konpromisoekin. Txinak, esaterako, 2060rako lortu nahi du karbono neutraltasuna, eta, epe labur eta ertainera begira, emisioek laster jotzea goia, 2030erako edo lehenago. Erresuma Batuak ere hainbat helburu finkatu ditu; besteak beste, urte horretarako isuriak %68 murriztea.
Hego Korea, Japonia eta Hegoafrika dira pausoak emateko prest agertu diren beste herrialdeetako batzuk, eta datorren urtarrilaren 20tik aurrera Joe Biden Ameriketako Estatu Batuetako presidente izateak itxaropena sortu du, esana baitu Klima Aldaketaren Aurkako Parisko Hitzarmenera itzularaziko duela bere herrialdea; hain justu, itun horrek bost urte beteko ditu bihar.
Testu horren sinatzaileen helburua da tenperatura 2 gradu baino gehiago ez igotzea mendea amaitzen denerako, eta, posible balitz, 1,5 gradu baino gehiago ez igotzea industria aurreko arokoekin konparatuz gero. Hori lortzeko, NBE Nazio Batuen Erakundeak ohartarazia du 2050erako beharrezkoa izango dela karbono neutraltasuna lortzea; ekonomia guztian egin beharko lirateke ahaleginak, eta derrigorrezkoa litzateke portaerak aldatzea ere.
EBk klimari buruzko goi bilera baten atarian hartu du isurketei buruzko erabakia. NBEk eta Erresuma Batuak antolatuta, klima larrialdiari buruz arituko dira nazioarteko herrialdeak, modu birtualean, eta hitzordu horretan aurkeztuko du talde komunitarioak hartu berri duen erabakia.
Hilaren hasieran, Munduko Meteorologia Erakundeak jakinarazi zuen 2020a inoiz erregistraturiko hiru urterik beroenen artean izango dela, eta aurtengo tenperatura 1,2 gradu beroagoa dela industria aurreko aroan baino.
|
2020-12-11
|
https://www.berria.eus/albisteak/190996/703-koronabirus-kasu-atzeman-dituzte-hegoaldean.htm
|
Gizartea
|
703 koronabirus kasu atzeman dituzte Hegoaldean
|
Bezperan baino 169 kasu gehiago izan dira Hego Euskal Herrian, baina apaldu egin da positiboen ehunekoa: %5,6 izan da atzo egindako probetan. 138 lagun daude Hegoaldeko ZIUetan.
|
703 koronabirus kasu atzeman dituzte Hegoaldean. Bezperan baino 169 kasu gehiago izan dira Hego Euskal Herrian, baina apaldu egin da positiboen ehunekoa: %5,6 izan da atzo egindako probetan. 138 lagun daude Hegoaldeko ZIUetan.
|
Azken asteko positibo kopururik handiena erregistratu dute Hegoaldean: 703 kasu izan dira, joan den egunean baino 169 gehiago. Hala eta guztiz ere, kontuan hartzekoa da egun bakarrean egindako test kopuruak izandako gorakada. Guztira, birusa detektatzeko 12.565 proba egin zituzten atzo Osasunbideak eta Osakidetzak; bezperan, berriz, 8.437. Horiek horrela, ez da handitu positiboen portzentajea; are, apalagoa da asteazkeneko probetan izandakoaren aldean. Zehazki, atzo egindako testen %5,6k eman zuten positibo, eta bezperan, berriz, %6tik gorakoa izan zen.
Azken eguneko kutsatuen datuei dagokienez, Hegoaldeko herrialde guztietan ugaritu dira atzemandako kasuak. Lurraldez lurralde, Gipuzkoan zenbatu dute kasu gehien: 243. Gainera, han izan da nabarmenena gorakada, bezperan baino 108 positibo gehiago zenbatu baititu Osakidetzak herrialde horretan. Halaber, Bizkaian 230 atzeman dituzte atzoko probetan, asteazkenean egindakoetan baino hogei gehiago. Araban 122 kasu izan dira, bezperan baino 23 gehiago, eta Nafarroan, berriz, 106 positibo zenbatu ditu Osasunbideak, hau da, asteazkenean baino hemezortzi gehiago. Atzo arte, egun bakarrean zenbatutako kasu kopurua ehunetik behitikoa izan zen egunero azkeneko bost egunetan foru erkidegoan; abenduaren 5etik aurrera, atzo egindako probetan gainditu da estreinakoz 100 positiboen langa. Halaber, COVID-19arekin eri zen pertsona bat zendu zen atzo foru erkidegoan; 66 urteko emakumezko bat.
Bestalde, Hegoaldeko ospitaleen egoera aztertuta, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, atzo 75 pertsona eraman zituzten erietxera Hego Euskal Herrian gaitzarengatik. Gainera, oraintxe bertan 138 lagun daude ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan; bezperan baino bi gutxiago, alegia.
Pandemia garaiko Eguberriak
Gobernuak Nafarroako egoera epidemiologikoaren balorazioa egin du eguerdian. Datozen Eguberriei begira, Carlos Artundo Nafarroako Gobernuko Osasun zuzendari nagusiak esan du herritarrek «pandemia garaiko Gabon zoriontsuak» opa behar dizkiotela elkarri, dioenez jakina baita ez direla joan den urteetakoen gisakoak izanen. Horiek horrela, Artundok azpimarratu du Eguberriek «hurbilagoak, intimoagoak, eta, beharbada, soilagoak» izan beharko dutela, eta herritarrei eskatu die zuhurtziaz eta «adimenez» jokatu dezatela datozen asteetan. Azaldu du legeak mugak ezartzen dituela, hau da, «gehienez egin daitekeena adierazi», baina bakoitzak aukera duela bere harreman sozialak are gehiago murrizteko. «Zenbat eta lagun gutxiago bildu, orduan eta hobeki», adierazi du Artundok.
|
2020-12-11
|
https://www.berria.eus/albisteak/190997/hogei-familiak-ziurtagiria-lortu-dute-senitartekoak-erorien-haranetik-ateratzeko.htm
|
Gizartea
|
Hogei familiak ziurtagiria lortu dute senitartekoak Erorien Haranetik ateratzeko
|
Gogora institutuak laguntza eta babes teknikoa eman die familia batzuei. Orain DNA probak egingo dizkiete senitartekoei, erkatzeko.
|
Hogei familiak ziurtagiria lortu dute senitartekoak Erorien Haranetik ateratzeko. Gogora institutuak laguntza eta babes teknikoa eman die familia batzuei. Orain DNA probak egingo dizkiete senitartekoei, erkatzeko.
|
Erorien Haranean 33.000 gorpuzki baino gehiago daude, eta 1.300 euskal herritarrenak direla diote adituek. Senideek borroka luzeak egin dituzte familiartekoen hilotzak berreskuratzeko, eta bidea irekitzen hasi da.
EAJk Eusko Legebiltzarrean egindako galdera bati erantzunez, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Gaietarako sailburuak iragarri du Euskal Herriko hogei familiak lortu dutela ziurtagiria senideak Erorien Haranetik ateratzeko tramiteak hasteko.
Gorpuzkiak hobitik ateratzeko bidean, Gogora institutuak aholkularitza eta laguntza eman dizkie familia batzuei, eta prestasuna erakutsi die oraindik bide horretan sartu ez direnei. Orain DNA probak hartuko dizkiete senideei, erkatzeko balioko duten erauzketak egiteko. Auzi medikuen talde bat dago Madrilen, prest berehala hasteko Erorien Haranean gorpuak ateratzen, Artolazabalen arabera. Aste honetan, Gogora senideekin bildu da: «Hobeto ulertu nuen haiek berreskuratzeko irrika. Urte hauetan guztietan eman ezin izan dieten hilobia eta agurra emateko gogo bizia dute», azaldu du Artolazabalek legebiltzarrean.
Sendiek hartu dute gorpuzkiak ateratzeko ardura, eta, Artolabazalen hitzetan, «betebehar instituzional» bat da laguntza ematea: «Hala hartzen du bere gain Eusko Jaurlaritzak bere osotasunean. Familia guztiei lagun egingo diegu prozesua amaitu arte». Sailburuak azpimarratu du 2020an izanik ere milaka sendik ezin izan dutela 36ko gerraren «dolu hura itxi».
Familia baten lekukotza Ekhiñe Atorrasagastiren aitonaren anaiaren gorpuzkia da Erorien Haranean hobiratuta dauden 30.000 horietako bat. Ez zuten horren berririk, harik eta jabetu ziren arte, familiaren oroimen historikoaren berreskuratze lanean ari zirela, aitonaren anaia hura ez zegoela Tolosako hilobian ehortzita, Erorien Haranean baizik. Obra frankista haren amaiera aldera, 70eko urteetan, atera zuten hobitik, sendiaren baimenik izan gabe. «Tolosatik eraman zituzten beste dozena pare bat, eta halaxe egin zuten Euskal Herriko hainbat hilerritatik», azaldu du Atorrasagastik. «Udal hilerriak izanda, garai hartako kargudun publikoek edo langile publikoek tartean egon beharko zuten. Bertan ez ziren burua estalitako lagun batzuk agertu eta desobiratzeak gauez egin. Ikerketa lerro interesgarria da».
Aurretik beste familia batzuek senidea hobitik ateratzeko eskaera egin zutela jakin zuten. «Beti eragozpena zen hobitik ateratzeko baimenik ez zegoela». Eskaera egiteko ahalegin berezia egin behar izan dute, eta euren kabuz egin dute agiri bilketa guztia, abokatuaren bidez. EAEn memoria historikoaren legea ez egonik, hainbat udal eta auzitegi ziurtagiri lortu behar izan dituzte. Gainera, orain gutxi arte, familiek Madrilen ezezkoarekin egiten zuten topo, baina Espainiako gobernu aldaketarekin Erorien Haranaz arduratzen den erakundeak Escorialera deitu zituen. «Irudiak erakutsi eta azaldu ziguten nola zegoen eraikina. Basilika bat da, baina azpian zulatuta dago, eta, Sobietar Batasuneko metro geltoki baten tankerakoa da: hainbat kapera ditu, eta erdian kapera zentrala. Gure kasuan, badakigu ezkerreko kapera batean dagoela. Piramideetan bezala, han sartu zituzten hildakoak, eta zigilatu».
Bilera hartan, zin egin zieten aintzat hartuko zutela hobitik ateratzeko eskaria, eta duela hilabete ofizialki baieztatu diete, gutunez zein posta elektronikoz. «Gobernu zentralak aitortzen digu berreskuratzeko eskubidea dugula, desagertutako senidea bilatzeko eta aurkitzeko eskubidea dugula». Aitortza horri garrantzi berezia eman diote. «Senideek irekitako bidea izan da. Bide horrek balio dezala ez zekiten senideak ere bide horretan sartzeko. Erakunde publikoek hartu beharko lukete ardura».
Orain, laginak laborategira iristeko «bide malkartsua» falta zaie. Hilotzak kutxa batzuetan daude, hondatuta eta erorita. Horregatik, prozesu konplexua da: berreskuratzeko baldintza teknikoak daudela eta identifikatzeko nahiko bermea daudela ziurtatuz gero, laborategira iritsiko dira: «Laborategian genetikoki familiartekoaren hezurdura dela frogatuko balitz, berreskuratuko genuke».
Atorrasagastiren arabera, sendiek laguntza instituzional oro eskertzen dute, baina uste du ez dela senideen ardura. Sendiek hezurdurak ateratzeko interes pertsonala badute ere, interes orokorrekoa izan beharko litzateke Erorien Harana eraistea: «Moralki ezin da onartu. Ez da soilik memoria historikoaren legea urratzen duela, baizik eta zerbait makabroa dela».
|
2020-12-11
|
https://www.berria.eus/albisteak/190998/argindarra-garestitu-arren-negatiboan-jarraitzen-du-inflazioak.htm
|
Ekonomia
|
Argindarra garestitu arren, negatiboan jarraitzen du inflazioak
|
Elikagai eta arropen prezioen gorakadari gailendu zaio erregaiek azken urtean pilatutako beherakada.
|
Argindarra garestitu arren, negatiboan jarraitzen du inflazioak. Elikagai eta arropen prezioen gorakadari gailendu zaio erregaiek azken urtean pilatutako beherakada.
|
Azaroan, KPI kontsumoko prezioen indizea %0,2 handitu da Hego Euskal Herrian, baina urte arteko inflazioak negatiboan jarraitzen du (-%0,7), martxoan hasitako joerari eutsiz.
INE Espainiako estatistika institutuak banatzen dituen arlo gehienetan doaz prezioak behera. Azken hilabetean, etxeko energienak apur bat egin du gora, baina ez da aski izan urteko joerari buelta emateko, azken hilabeteetan pilatutako beherakadagatik. KPIa zero azpitik egotearen beste arrazoietako bat da beste produktu batzuk garestitu egin direla: elikagaiak eta arropak, bereziki.
Urriko datuekin alderatuta, azken horien prezioek izan dute gorakadarik handiena: %3,5 igo dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta %7,5 Nafarroan. Iazko azaroan baino %0,8 garestiago daude. Elikagaienak antzera mantendu dira azken hilabetean, baina duela hamabi hilabete baino %2 garestiago jarraitzen dute.
Etxeko energien (ura, argindarra, gasa) prezioek ere gora egin dute azken hilabetean: %1 eta %0,9, hurrenez hurren, baina inflazio negatiboan egotea bultzatzen duen atal nagusienetako bat da hori, iaz baino merkeago jarraitzen baitute (-%1,9 eta -%4,2).
Beste erabilera baterako erregaiek ere (garraiorakoek, bereziki) iazko prezioen behetik jarraitzen dute: -%4,9 Araba, Bizkai eta Gipuzkoan eta -%5,9 Nafarroan. Azken hilabetean, baina, antzera mantendu dira.
Komunikazioen ataleko produktuak ere merkatu dira, %0,1 gehiago azken hilbateetan, eta %4 iaztik. Hor eragin handia du telefono eta Internet zerbitzuen prezioen beherakadak.
|
2020-12-18
|
https://www.berria.eus/albisteak/190999/emakume-euskaldunen-kantagintza-orain-sormenen.htm
|
Kultura
|
Emakume euskaldunen kantagintza, orain, Sormenen
|
Mahai ingurua eta, ondoren, kontzertua egingo dute J. Martinak, Haizeak eta Ningrak, eta Kai Nakaik. BERRIA zuzenean zabaltzen ari da.
|
Emakume euskaldunen kantagintza, orain, Sormenen. Mahai ingurua eta, ondoren, kontzertua egingo dute J. Martinak, Haizeak eta Ningrak, eta Kai Nakaik. BERRIA zuzenean zabaltzen ari da.
|
Gaur, Sormene jaialdiaren barruan, emakumezko sortzaile euskaldunek egungo kantagintzan duten lekuari buruzko mahai ingurua egingo dute, Galdakaoko Torrezabal aretoan, eta J. Martina, Haizea eta Ningra rap abeslariak eta Kai Nakai igoko dira oholtzara gero, 21:30ean.BERRIAk zuzenean zabalduko du ekitaldia du, hemen: www.berria.eus/sormene.
Astelehenean hasi zen Sormene jaialdia, Ane Labakaren eta Beatriz Egizabalen Erradikalak ginen ikuskizunarekin. Kultur egitasmo «berritzaileen» plaza izatea du xede proiektuak, «Galdakotik Euskal Herri osoarentzat», eta gaurtik abenduaren 20ra bitarteko egitaraua osatu dute antolatzaileek. Euskara izango du ardatz, eta emakumezko sortzaileen lanak nabarmenduko ditu. Hamaika kontzertu, bertso saio, literatur irakurketa, tailer eta hitzaldiko programa prestatu dute, eta BERRIAn zuzenean ikusi eta entzun ahal izango dira saio guztiak, webgune honetan. Egitaraua ere kontsulta liteke webgunean.
Atzo, 'Mariage d’Amour' dantza eta antzerki ikuskizuna eskaini dute Kirats konpainiako Nerea Iglesiasek eta Xabi Madinak, Maite Agirrek zuzenduta.
Tripak Kolektiboa taldeko Marina Suarezek, Natalia Suarezek, Maite Mugerzak, eta Andrea Berboisek Urruna antzezlana eskaini zuten asteazkenean, Galdakaoko Torrezabale aretoan, Sormene egitasmoaren barruan.
Asteartean, poesia errezitala egin zuten Lizar Begoñak, Leire Bilbaok eta Miren Agur Meabek, Arkaitz Minerren musikak lagundurik.
Galdakaoko (Bizkaia) Torrezabal kultur etxean egiten ari dira dira ekitaldi guztiak. Astegunetan, Galdakaoko ikastetxeentzat diseinatutako ekitaldiak egiten dituzte goizez, eta, gero, arratsaldez, emanaldiak. Askotariko saioak dira.
Bihar Eñaut Elorrietak kontzertua egingo du, eta ipuin kontalariak eta dantza saio irekiak itxiko dute programa, igandean.
Emakumeek sortuak izango dira saioetako %80 baino gehiago, eta, guztira, 34 sortzailetik gora batuko dituzte astebetean; 90.000 euroko aurrekontua izango du proiektuak, eta aurtengoa lehen aldia baino ez dela izango esan dute udaleko ordezkariek, haien hitzetan luze irauteko asmoz jarri baitute martxan.
Urte zaila izan da kulturgile eta sortzaileentzat, asko urritu zaizkie-eta kultur emanaldiak, eta horiek zabaltzeko ahalegina lagundu nahi du BERRIAk. Irakurleei emankizun horiek ikusteko bidea erraztu ere egin nahi die. Durangoko Azokako emankizunak ere zuzenean plazaratu zituen webgune honek, eta Berria Aretoa ere martxan jarri zuen udaberrian.
|
2020-12-11
|
https://www.berria.eus/albisteak/191000/espetxe-politika-aldatzeko-sostengua-azaldu-diote-hamalau-eragilek-madrili.htm
|
Politika
|
Espetxe politika aldatzeko sostengua azaldu diote hamalau eragilek Madrili
|
Adierazpen bat izenpetu dute EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos-IU, ELA, LAB, UGT, CCOO, Steilas, EHNE, ESK, Hiru, Etxalde, CGT eta CNTk.
|
Espetxe politika aldatzeko sostengua azaldu diote hamalau eragilek Madrili. Adierazpen bat izenpetu dute EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos-IU, ELA, LAB, UGT, CCOO, Steilas, EHNE, ESK, Hiru, Etxalde, CGT eta CNTk.
|
Bestelako espetxe politika bat ezartzeko bidean, sostengua adierazi nahi izan diote gaur hamalau eragile politiko eta sindikalek Espainiako Gobernuari. Aurtengo otsailaren 8rako, Etxerat elkarteak bilera batera deitu zituen alderdi eta sindikatuak, eta, bilera horretan, planteatu zen «espetxean dauden euskal herritar presoek jasaten duten urruntzeari amaiera emateko premia eta, oro har, espetxe politikan oraindik indarrean dagoen salbuespen egoera gainditu beharraren premia». Bildu zirenak Etxerat-ekin konprometitu ziren hauteskunde garaiaren ostean adierazpen publiko bateratu bat egitera, eta adierazpen hori ezagutarazi dute gaur Bilboko Euskalduna jauregian.
EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos-IU, ELA, LAB, UGT, CCOO, Steilas, EHNE, ESK, Hiru, Etxalde, CGT eta CNTk egin dute bat adierazpenarekin, eta, horren arabera, Espainiako Gobernuari «Euskal Autonomia Erkidegoko gizartearen» eta adierazpenaren izenpetzaileen «sostengu osoa» helarazi diote euskal presoei «legedi arrunt soila eta espetxe politika normalizatu bat aplikatzeko beharrezkoak diren urratsak egitea erabakitzen badu, iraganeko logiken araberako legedian oinarritutako legedia behin betiko gaindituz».
Eragileok jarrera bat berretsi dute: «Espetxeetako lege orokorrean aurreikusitakoa betetzeko eskatzen dugu, askatasunaz gabetzen duten zigorrak betetzean deserrotzerik gerta ez dadin». Bide horretan, ezinbestekotzat jo dute «askatasunaz gabetzen duten zigorrak familia eta gizarte sustraiak dituzten lekuetatik urrun betetzea ekidingo duen espetxe politika bat» ezartzea, iritzita «gizarteratze printzipioek» hala adierazten dutela. Horien arabera, politika berri horrek «erraztu egingo du presoak bere familiarekin harremanak izatea, eta adin txikiko seme alaben ongizateari begiratuko dio, gurasoek haiekin egoteko duten eskubidea defendatuta».
Hortaz, premiazkoa iruditzen zaie egungo urruntze politika amaitzea, eta, COVID-19aren testuinguruan, sostengua adierazi diete «egitasmo hau artikulatzera zuzendutako proposamen guztiei: espetxeratu guztiak orokorrean eta pertsona preso bakoitza partikularrean hurbil ditzatela beren familia ingurunetik hurbilen dauden espetxeetara; EAEren kasuan, Martutene, Basauri eta Zaballako espetxeetan birkokatzea dakar neurri horrek».
Sinatzaileen iritziz, helburu hori betetzeak «modu erabakigarrian esku hartuko luke euskal gizartean eta politikan iraganarekin lotutako etapa bat ixten, eta aukera emango luke, biktima guztiak oroituz, bizikidetza demokratikoan ardaztutako orainaldiko eta etorkizuneko denboraldi berri bat eraikitzeko».
«Konpromisoa gizarteratzea»
Adierazpen hori «gizarteratu eta ezagutarazi» nahi dute orain, eta, horretarako, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariari, Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariari eta Jean-Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko elkargoari helaraziko diete. Baita Friendship elkarteari eta euskal presoak dauden espetxeetako zuzendaritzei ere. Horrez gain, akordioa Eusko Legebiltzarrari eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udal guztiei bidaliko diete, «oniritzia eman dezaten eta, modu horretara, konpromisoa gizarte osora heda dadin».
Etxerat presoen senide eta lagunen elkartearen izenean, Urtzi Errazkin eta Patricia Velez bozeramaileek nabarmendu dute gaurkoa «pauso esanguratsua» dela «herri honen orainaldirako eta etorkizunerako». Errazkinen hitzetan, eragileok adierazpen publiko bat egin dute, «konstatazio batean» oinarritua, Errazkinen hitzetan: "Euskal gizarteak bakearen eta elkarbizitzaren eta egungo logikarekin bat ez datorren espetxe politika gainditzearen aldeko apustua egin du». Etxerat-ek eskerrak eman dizkie Foro Sozial Iraunkorrari, «errazte» lanak egiteagatik, eta adierazpena babestu duten alderdi eta sindikatuei, euren «konpromisoagatik».
|
2020-12-11
|
https://www.berria.eus/albisteak/191001/kelviongo-langileek-txantxa-makabrotzat-jo-dute-zuzendaritzaren-eskaintza.htm
|
Ekonomia
|
Kelviongo langileek «txantxa makabrotzat» jo dute zuzendaritzaren eskaintza
|
Enpresa erosteko aukera eman diete lan erregulazioa negoziatzeko mahaian, eta baina sei eguneko epea zuten bakarrik erantzuteko,
|
Kelviongo langileek «txantxa makabrotzat» jo dute zuzendaritzaren eskaintza. Enpresa erosteko aukera eman diete lan erregulazioa negoziatzeko mahaian, eta baina sei eguneko epea zuten bakarrik erantzuteko,
|
Kelvioneko Thermal Solutionsek Igorren (Bizkaia) duen plantako langileek enpresako zuzendaritzaren «joko zikina» eta negoziazio «borondaterik eza» salatu dute. Egun enpresaren itxiera eragingo lukeen lan erregulazioa eragozteko negoziazio epean murgilduta daude, eta jasotako azken eskaintza «txantxa makabroa» al den galdetu dute. Enpresak Igorreko eta Santanderreko (Espainia) plantak erosteko aukera eman zien, lehenbizi sindikatuei eta gero langileei, euro baten truke, baina sei eguneko epea eman zien bakarrik erantzuteko. Langileek eskaintza aztertzeko denbora gehiago behar zutela erantzun zuten, baina enpresak ez zuen onartu eta atzoko gauerdian amaitu zen epea.
«Enpresen salerosketak dabiltzan profesionalek hilabeteak behar izaten dituzte horrelako ariketa bat erabakitzeko, eta guri sei egun eman dizkigute, eta horietatik hiru jai egunak ziren», azaldu du Kelvioneko langile batzordeak lantegiaren aurrean eginiko agerraldian. Langileek ordubeteko lanuzte orokor batera deitu dute Igorren beraien egoera salatzeko, eta protestaldiak herrian izandako «arrakasta» eskertu dute publikoki. Baita egunerokoan herrian jasotzen ari diren babesa ere.
Igorren diharduten Kelvionen 73 langileak «kezkatuta» daude; hilaren 18an bukatuko da negoziazio epea, eta ez dago berritasunik: «Erosteko eskaintza tranparen ondoren ez dago beste ezer mahai gainean». Jaurlaritzako Industria sailarekin birritan bildu dira, eta tratu ona bai, baina konpromisorik ez dutela jaso kritikatu dute. «Inplikazio handiagoa» eskatu diote deslokalizaziotzat jotzen dutena eragozteko. Izan ere, batzordeak nabarmendu du enpresako zuzendaritzak Igorren egiteko moduko hiru enkargu bideratu dituela Polonian duen planta batera, milioi bat eurokoa bakoitza. Igorren udaberrira arteko lan karga dute, baina langileak greba mugagabean daude.
|
2020-12-11
|
https://www.berria.eus/albisteak/191002/eguberrietan-ez-galtzeko-gida.htm
|
Gizartea
|
Eguberrietan ez galtzeko gida
|
Eguberriak ate joka direla, joan-etorriei eta ostalaritzari lotutako neurriak malgutu eta moldatu dituzte Euskal Herrian. Arauak, baina, ez dira berberak hiru eremu administratiboetan. Hona argibide nagusiak.
|
Eguberrietan ez galtzeko gida. Eguberriak ate joka direla, joan-etorriei eta ostalaritzari lotutako neurriak malgutu eta moldatu dituzte Euskal Herrian. Arauak, baina, ez dira berberak hiru eremu administratiboetan. Hona argibide nagusiak.
|
JOAN-ETORRIAK
Araba, Bizkai eta Gipuzkoa. Bihartik aurrera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan baimenduta egongo da udalerri batetik bestera joatea, betiere probintzia barruan baldin bada. Salbuespena Eguberrietarako jarri du Jaurlaritzak: probintzien eta autonomia erkidegoen arteko mugikortasuna baimenduta egongo da abenduaren 23tik 26ra eta abenduaren 30etik urtarrilaren 2ra, baina soilik familia arteko topaketetarako. Edozein kasutan, joan-etorriak justifikatzeko erantzukizunpeko adierazpenaren eredua bete beharko da.
Nafarroa. Nafarroan neurriak arinduko dituzte Eguberrietan. Konfinamendu perimetrala kenduko dute abenduaren 23tik 26ra eta 30etik urtarrilaren 2ra, eta, beraz, nafarrak herrialdetik irten ahalko dira epe horietan, baina soilik familia arteko topaketetarako. Nafarroan ere joan-etorriak justifikatzeko erantzukizunpeko adierazpen bat eraman beharko da.
Eguberrietako jai egunetan autonomien arteko mugikortasuna baimenduta egongo denez, Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko muga zabalik egongo da, eta herritarrak igaro ahal izango dira batetik bestera.
Ipar Euskal Herria. Konfinamendua abenduaren 15era arte izango da indarrean. Arrazoi jakin batzuengatik bakarrik atera daiteke etxetik, ziurtagiri batekin: lanera joateko, irekita dauden saltokietan erosketak egiteko, eskolara joateko, osasun arazoengatik, eta familia larrialdi batengatik. Bestalde, kirola egiteko egunean hiru orduz atera daiteke etxetik, hogei kilometroko tartean gehienez ere, ziurtagiriarekin betiere. Abenduaren 15etik goiti libreki ibiltzen ahalko da Ipar Euskal Herriko leku batetik bestera, betiere etxeratze agindua indarrean ez den ordutegian. Frantziako Estatuko beste eskualdeetara ere joaten ahalko dira herritarrak.
ETXERATZE AGINDUA
Araba, Bizkai eta Gipuzkoa. Etxeratze agindua, 22:00etatik 06:00etara; salbuespen gisa, abenduaren 24ko gauean eta abenduaren 31koan: etxeratze agindua 01:30ean izango da.
Nafarroa. Gabon eta Urtezahar gauetan 01:30era atzeratu dute etxeratze agindua. Egun horietan salbu, etxeratze agindua 23:00etatik 06:00etara egongo da.
Ipar Euskal Herria. Jean Castex Frantziako lehen ministroak atzo iragarri zuen abenduaren 15ean konfinamendua arindu eta etxeratze agindua jarriko zutela 20:00etatik 06:00ak arte. Gauean, osasun arrazoiengatik edo lanagatik baizik ezingo da atera. Egunean zehar ez da, beraz, ziurtagirik beharko leku batetik bestera mugitzeko. Abenduaren 24an ez da etxeratze agindurik izanen; urtarrilaren 31n, ordea, indarrean egonen da: 20:00etatik 06:00ak arte.
OSTALARITZA
Araba, Bizkai eta Gipuzkoa. Tabernak eta jatetxeak 20:00ak arte ireki ahal izango dira, bai terrazak, eta baita lokalak ere. 06:00etatik aurrera ireki ahal izango dute berriro. Aurreko hamalau egunetan 100.000 biztanleko 500 positibotik gora izan duten herrietan, tabernek eta jatetxeek itxita jarraituko dute, baina neurri horrek ez die eragingo 5.000 biztanletik beherako herriei. Horietakoren batean egoerak okerrera eginez gero, Jaurlaritzak neurri murriztaileak ezarriko ditu bertan. Taberna eta jatetxeetan, barruko edukiera %50ekoa izango da, eta terrazetan, %100ekoa. Ez da barrako zerbitzurik izango. Janaria etxera eramateko zerbitzua 22:00ak arte baimenduko da.
Nafarroa. Nafarroako Gobernuak datorren ostegunean hartuko ditu neurri berriak. Nafarroako ostalariak gobernuko ordezkariekin batzartu ziren atzo, eta gobernuak sektoreari proposatu zion ostatuak zabaltzeko ordutegia 22:00ak arte luzatzea ostegunetik aurrera. Gainera, ostatuen barruan edukiera %30ekoa izatea proposatu zien gobernuak.
Ipar Euskal Herria. Ostatu eta jatetxeak guztiz itxiak dira Ipar Euskal Herrian. Frantziako lehendakari Emmanuel Macronek esan zuen goizenik urtarrilaren 20an irekitzen ahalko zituztela jatetxeak. Ostatu eta diskotekentzat, ordea, ez zuen datarik aurreratu.
GIZARTE TOPAKETAK
Araba, Bizkai eta Gipuzkoa. Oraintxe, gehienez sei pertsona biltzeko aukera dago. Eta gehienez hamar pertsona biltzeko aukera egongo da Gabonetako bazkari eta afarietan: abenduaren 24an, 25ean eta 31n, eta urtarrilaren 1ean.
Nafarroa. Egun, sei laguneko bilkurak baino ez daude baimenduta, baina hamarrera igoko da kopurua abenduaren 24an, 25ean, 31n eta urtarrilaren 1ean.
Ipar Euskal Herria. Gehienez ere sei heldu biltzen ahalko dira Eguberrietako bestetarako. Haurrentzako ez du mugarik jarri Frantziako Gobernuak.
ZAHAR ETXEAK
Araba, Bizkai eta Gipuzkoa. Zahar etxeetan neurriak malgutuko dituzte, eta astean bi senideren bina bisita jaso ahalko dituzte adinekoek. Egoiliarrak astean bi aldiz atera ahalko dira egoitzatik, ordubetez, eremu itxietan sartzea saihestuz eta bi senide edo ahaideren laguntzarekin. Gabonetako jaiegunak familiarekin igarotzeko aukera izango dute egoiliarrek, baina bueltatzean PCR proba egin beharko dute, eta berrogeialdian egongo dira, prebentzio protokoloa betez. Hala ere, zahar etxeko edo udalerriko osasun egoera larria bada (100.000 biztanleko 500 kutsatu baino gehiago baditu), irteerak bertan behera geratuko dira.
Nafarroa. Egoiliarrak etxera joan ahal izatea baimenduko dute. Gobernuak jakinarazi du araudi berezi bat prestatzen ari dela horretarako. Azaroaren 26tik egoitzetan indarrean dauden neurriak malgutzeko asmoa dauka gobernuak.
Ipar Euskal Herria. Bisitak baimenduak dira, zahar etxe bakoitzak bere arau propioak finkatzen ditu. Bisitak egiteko, aldez aurretik hartu behar da ordua, eta pertsona bakarra joan daiteke aldi bakoitzean.
GARRAIOA
Araba, Bizkai eta Gipuzkoa. Garraio publikoari dagokionez, azkeneko zerbitzua beranduenez 23:00etan aterako da. Abenduaren 24ko gauean eta abenduaren 31koan pertsonen zirkulazioa 01:30ak arte luzatuko denez, garraio publikoaren ordutegia ere moldatzea gomendatzen du Jaurlaritzak. Ordutegi muga horrek ez die eragingo taxilariei eta garraiorako ibilgailu gidaridunei.
Nafarroa. Hiri garraioko ibilgailuen okupazioa %50era murriztuta dago urriaren amaieratik. Nafarroako Gobernuak ez du iragarri bestelako aldaketarik gaurko agerraldian.
Ipar Euskal Herria. Murrizketarik ez da garraioan, baina Euskal Hirigune Elkargoko garraio sindikatuak apur bat moldatu ditu ordutegiak, jende gutxiago ibiltzen delako, eta maiztasuna txikitu dute linea batzuetan.
SALTOKIAK
Araba, Bizkai eta Gipuzkoa. % 60ko edukiera gehienez 150 metro koadrotik gorako dendetan, eta % 75eko edukiera 150 metro karraturainoko dendetan. 65 urtetik gorakoek lehentasuna izango dute dendetan. 21:00etarako itxita egon behar dute saltokiek.
Nafarroa. Txikietan zein handietan, edukiera %40koa izango da gehienez. Handietan, mugitzeko soilik erabil daitezke eremu komunak, eta ezingo da bertan egon. 21:00ak arte zabalik egon daitezke.
Ipar Euskal Herria. Azaroaren 28an ireki zituzten berriz saltoki guztiak Ipar Euskal Herrian. Konfinamendua izanik ere, irekiak diren dendetara joateko aukera dute herritarrek, etxetik ateratzeko ziurtagiria beteta.
KIROLA
Araba, Bizkai eta Gipuzkoa. Kirol federatuko entrenamendua gehienez sei pertsonako taldeetan egin ahal izango da. Kirol jardueraren inguruko gainerako neurri murriztaileek bere horretan jarraitzen dute; besteak beste, eskola kirolak etenda jarraituko du. Hala ere, Jaurlaritzak gaur argitaratu duen dekretuak dio eskola kirola Gabonen ostean abiatu litekeela, baldin eta egoera epidemiologikoa ona bada. Nafarroa. Neurriak malgutu ditu Nafarroako Gobernuak kirol jardueran. Bi neurri iragarri ditu: publikoa baimenduko du kirol ikuskizunetan, eta kalean egiten diren talde kiroletan gehienez hamabost lagun elkartu ahal izango dira.
Ipar Euskal Herria. Talde kirolik ezin da egin, salbu profesionalek. Ikasleek kirola egin dezakete, baina amateurrek ez. Uretako kirolak baimenduta daude, betiere 3 orduz eta 20 kilometroko tartea errespetatuta .
BESTELAKO NEURRIAK
Araba, Bizkai eta Gipuzkoa. Gabonetako jaiak, ospakizunak eta kabalgatak bertan behera, jendea pilatu ez dadin. Erlijio ekitaldietan, gehienez edukieraren % 35. Kultur ekitaldiak 21:00ak baino lehen bukatu behar dira. Musika eta ahots entsegu eta emanaldi kolektiboak edo dantzakoak, parte hartzaileak profesionalak ez badira, bertan behera.
Nafarroa. Gabonetako jaiak, ospakizunak eta kabalgatak bertan behera, jendea pilatu ez dadin. Haur parkeak irekita egongo dira, baina edukiera handiagoa baimenduko dute: %75eko edukiera gehienez. Hotelen gehienezko edukiera ere %50era handituko da. Kultur jardueretan ere (zinema aretoetan, antzerkian eta museoetan) jende gehiago baimenduko da: edukiera %50ekoa izango da gehienez (%40ekoa da orain).
Ipar Euskal Herria. Emmanuel Macronek urri bukaeran esan zuen kulturguneak abenduaren 15etik goiti irekitzen ahalko zituztela berriz. Egoera epidemiologikoa ikusirik, ordea, Jean Castexek atzo esan zuen gutxienez hiru astez egon beharko dutela hetsirik oraino.
|
2020-12-11
|
https://www.berria.eus/albisteak/191003/olanoren-arabera-oposizioak-ezingo-du-atzera-bota-erraustegiaren-proiektua.htm
|
Gizartea
|
Olanoren arabera, oposizioak ezingo du atzera bota erraustegiaren proiektua
|
GHK-k gaur onartu du enpresa kudeatzaileen kontzesioa, eta, beraz, Gipuzkoako ahaldun nagusiak azaldu du behin betiko martxan dagoela Zubietako erraustegia.
|
Olanoren arabera, oposizioak ezingo du atzera bota erraustegiaren proiektua. GHK-k gaur onartu du enpresa kudeatzaileen kontzesioa, eta, beraz, Gipuzkoako ahaldun nagusiak azaldu du behin betiko martxan dagoela Zubietako erraustegia.
|
Zubietako (Gipuzkoa) erraustegia gaurtik aurrera behin betiko martxan dagoela jakinarazi dute Markel Olano Gipuzkoako Foru Aldundiko ahaldun nagusiak eta Jose Ignazio Asensio Ingurumen diputatuak. Hain zuzen, gaur goizean bisita bat egin dute erraustegiko instalazioetara, eta bertan eginiko prentsaurreko batean Olanok adierazi du «ikuspegi demokratikotik» beste iritzi batzuk egotea onartzen duela, baina herritarren gehiengoaren nahia bete dutela, eta, beraz, oposizioak orain ezingo duela azpiegitura atzera bota, dagoeneko martxan dagoelako. Izan ere, besteak beste, GuraSOSek atzo iluntzean jakinarazi zuen erraustegia legeztatzeko prozesuan atzeman dituzten «irregulartasunak» salatzeko Fiskaltzara joko duela.
GuraSOSen arabera, Zubietako erraustegiaren bi labeak «homologatu eta legeztatu gabe» daude, eta gainera, orain arte erabili dituzte ordezko transformadoreak ez dira behar den besteko tenperaturara iristen. Gainera, azaldu zuten gaur arte ez dutela transformadore nagusia esku artean izan, eta, beraz, frogatu egin beharko dela ea funtzionatzen duen ala ez. Izan ere, bi aldiz saiatu dira pizten: 2019ko ekainaren 11n lehertu egin zen, eta 2020ko irailaren 1ean, erre. Bigarren saiakera horren ostean, Alemaniara eraman zuten konpontzera. Asensiok, ordea, erraustegiak «baimen eta lizentzia guztiak» dituela azpimarratu du, eta zaborren tratamendua ere «homologatuta» dagoela, energia sortzen ari dela nabarmenduta. Fiskaltzara jotzeko aukerari dagokionez, mugimenduari dei egin dio Fiskaltzara jo ordez zuzenean auzitegietara jotzeko.
Hala ere, Olanorentzat «egun historikoa eta pozgarria» da gaurkoa, Zubietako erraustegia martxan jartzea Gipuzkoarentzat «aurrerapauso» bat izango dela nabarmenduta. Haren arabera, azpiegitura orain dela hilabete batzuetatik martxan egon arren, GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak orain onartu du enpresa kudeatzaileen kontzesioa. Hori da falta ziren urratsetako bat, eta beraz, gaurtik aurrera hasiko dira enpresa horiei erraustegiko azpiegiturengatik ordaintzen, Olanok azpimarratu duenez. «Orain dela hamabi urte hasi zen prozesua, gaur amaitzen da».
Europan erreferentea
Bi arduradunek datuak ere eman dituzte, eta, horien arabera, Gipuzkoan %55ekoa da birziklatze tasa. Areago, erantsi du Europako iparraldeko beste herrialde batzuen parean kokatuko litzatekeela Gipuzkoa, hala nola Alemaniaren, Danimarkaren eta Suediaren maila berean. Gainera, uste du erraustegi honek gainontzekoekin alderatuta abantaila bat ere baduela: «Hau berriena da, eta beraz, hobekuntza oso inportanteak ditu; Europan hondakinen kudeaketarako erreferentzia bat da». Haren hitzetan, proiektu honek bide emango du beste zenbait erronkari ere eusteko; esate baterako, klima aldaketari eta ekonomia zirkularrari.
Erraustegia ekonomiaren eraldaketarako «beharrezkoa» den azpiegitura bat dela aipatu du Asensiok ere, eta modernizazioaren aldeko apustua egin dutela: «Hemen hondakinak ez dira zaborra bilakatzen, baizik eta lehengai; tratamendu mekanikoko eta biologikoko plantan sortzen den material guztia berreskuratu daiteke, eta balorizatu, materialki edo energetikoki». Zehazki, eman dituen datuen arabera, erraustegiak 160 mila tona hondakin jasotzeko gaitasuna dauka, eta horietatik %8 eta %10 bitartean berreskuratuko da; gainontzekoa energiarako erabiliko dela azaldu du Ingurumen diputatuak. Horrez gain, gaineratu duenez, hondakinetatik lortuko den energiak, urtero, orduko 160 mila megawatt sortuko ditu. «Politika arduratsuenetan kokatzen gaitu proiektu honek; ingurumenaren ikuspegitik ez dago hondakinak materialki eta energetikoki balorizatuz tratatzea baino ezer arduratsuagorik».
|
2020-12-11
|
https://www.berria.eus/albisteak/191004/abortua-despenalizatzea-onartu-du-argentinako-diputatuen-ganberak.htm
|
Mundua
|
Abortua despenalizatzea onartu du Argentinako Diputatuen Ganberak
|
Senatuak berretsi beharko du lege proiektua. Haurdunaldiaren lehen hamalau asteetan abortua legezkoa eta doakoa izango dela dio.
|
Abortua despenalizatzea onartu du Argentinako Diputatuen Ganberak. Senatuak berretsi beharko du lege proiektua. Haurdunaldiaren lehen hamalau asteetan abortua legezkoa eta doakoa izango dela dio.
|
Abortua legeztatzeari bide eman dio Argentinako Diputatuen Ganberak, eta Senatuak erabaki beharko du orain lege proiektuaren inguruan; hark izango du azken hitza. Aldeko 131 boto, aurkako 117 eta sei abstentzio jaso ditu legeak Diputatuen Ganberan. Hogei orduz luzatu da eztabaida Argentinako Parlamentuan, eta, bitartean, abortuaren aldeko eta aurkako manifestariak elkartu dira kanpoan. Saio luze baten ondoren, Marea Berdea mugimenduaren deialdiari erantzunez elkarturiko milaka lagunek gogotik ospatu dute parlamentu barruko bozketaren emaitza. «Argentinako demokrazia gurekin duen zorra kitatzetik oso hurbil dago», adierazi du mugimenduak emaitza jakin ostean, eta «herriaren eskaerari entzuteko» eskatu dio Senatuari.
Haurdunaldia lehen hamalau asteetan etetea baimentzen du legeak, eta abortua eskaera egin osteko hamar egunetan gauzatuko beharko dela zehazten du. Doakoa izango dela dio testuak, eta osasun sistema publikoak egin beharko duela gastuen kargu.
Gaur egun, abortua ez da legezkoa Argentinan, bi kasutan izan ezik: bortxaketa bat izan denean eta haurdun dagoenaren bizitza arriskuan dagoenean. Lege proiektua onartuz gero, irizpide hori mantenduko litzateke haurdunaldiaren hamalaugarren astetik aurrera, eta salbuetsitako bi kasu horietan soilik egongo litzateke baimenduta abortua epe horretatik kanpo. Bestalde, onartutako testuak aukera ematen die osasun langileei eta abortua gauzatzeko ardura dutenei horri uko egiteko, kontzientzia eragozpena argudiatuta. Kasu horietan, hala ere, haien betebeharra izango da artatzeari uko egin dioten horiek beste profesional batzuen eskuetan uztea.
Bigarrenez, bi urteko epean
Erabakia berrikusi, eta onartu ala ez erabaki beharko du orain Senatuak. Datorren astelehenean hasiko dute eztabaida, eta, bozketa eguna oraindik zehazteko badago ere, baliteke urtea amaitu baino lehen izatea. Duela bi urte ere onartu zuten abortua legeztatzeko proposamena Diputatuen Ganberan, baina Senatuak atzera bota zuen; 31 senatarik alde bozkatu zuten, eta 38k aurka. Oraingoan ere bozketa estua espero da. Senatuan aulki gehien duten alderdi politikoek abortua legeztatzearen alde egin badute ere, alderdi horien barnean ere desadostasunak daude gaiaren inguruan.
Hala ere, duela bi urteko testuinguruarekin alderatuta, desberdina da egoera, eta hori alde ikusten dute abortuaren aldekoak. Argentinako Gobernuak babestutako eta sustatutako lege proposamena da eztabaidagai dagoena, eta horrek proposamenari indarra ematen diola uste dute haren aldekoek. Alberto Fernandez presidenteak publikoki adierazi du abortua legeztatzearen aldekoa dela. Duela urtebete bihurtu zen Argentinako presidente Fernandez. Hauteskunde kanpainako goiburuetako bat izan zuen abortuaren legeztapena, eta kargua hartu ostean ere hainbatetan azaldu du horretarako asmoa. Gobernuaren aldekotasuna erabakigarria izan daiteke.
1921ean onartutako Zigor Kodearen arabera epaitzen da abortua Argentinan, eta lau urteko kartzela zigorra jasotzen du zigor kode horrek. 1983an diktadura militarra amaitu zenetik, abortuaren despenalizaziorako zazpi lege proposamen eztabaidatu ditu Argentinako Kongresuak, baina guztiak baztertuak izan dira gaur arte.
|
2020-12-11
|
https://www.berria.eus/albisteak/191005/erromak-eta-omek-txosten-bat-ezkutatzeko-konspiratu-zutela-salatu-dute.htm
|
Gizartea
|
Erromak eta OMEk txosten bat ezkutatzeko «konspiratu» zutela salatu dute
|
Maiatzean argitaratu zuen OMEk txostena, eta hurrengo egunean kendu zuen, Italiaren presioengatik, adituek nabarmendu zutelako herrialdearen izurrite-larrialdi plana zaharkituta zegoela. Beste herrialdeei Italiaren akats berdinak ez egiteko aukera ematea eta bizitzak salbatzea zen txostenaren helburua.
|
Erromak eta OMEk txosten bat ezkutatzeko «konspiratu» zutela salatu dute. Maiatzean argitaratu zuen OMEk txostena, eta hurrengo egunean kendu zuen, Italiaren presioengatik, adituek nabarmendu zutelako herrialdearen izurrite-larrialdi plana zaharkituta zegoela. Beste herrialdeei Italiaren akats berdinak ez egiteko aukera ematea eta bizitzak salbatzea zen txostenaren helburua.
|
Londresko The Guardian egunkariak gaur zabaldu duenez, Osasunaren Mundu Erakundeari eta Italiako Gobernuari, herrialdeak izurriari hasieran emaniko erantzun txarra aztertzen zuen txosten bat ezkutatzeko «konspiratzea» leporatu diete.
NBEko Francesco Zambon eta beste hamar zientzialarik egin zuten txostena, beste herrialdeei Italiaren akats berdinak ez egiteko aukera emateko helburuarekin, eta, ondorioz, bizitzak salbatzeko.
Aurrekaririk gabeko erronka bat: Italiaren lehen erantzuna COVID-19aren aurrean zen txostenaren izenburua. Lan mardula zen: 102 orrialde, eta salatzen zuenez, Italiak izurriari hasieran emaniko erantzuna «inprobisatua eta kaotikoa» izan zen, herrialdeak pandemia bati aurre egiteko zeukan plana ez zutelako eguneratu 2006. urtetik.
Txostena maiatzaren 13an argitaratu zuten OMEren webgunean, baina hurrengo egunean kendu egin zuten. Egunkariaren arabera, Ranieri Guerra OMEren ekimen estrategikoetarako zuzendariordeak eskatuta kendu zuten. Lotura zuen Guerrak Italiako Gobernuarekin, haren Osasun Ministerioko goi karguduna izan zelako 2014tik 2017ra. Izan ere, haren ardurapean zegoen larrialdi planak eguneratzea. Gaur ere, Erroma gobernuak izurriari aurre egiteko duen taldeko kidea da. Bergamoko (Italia) fiskaltza ikertzen ari da Italiako Osasun Ministerioak emaniko erantzuna, eta larrialdi plana zaharkitua da salaketaren gakoetako bat.
Hainbat kalkuluren arabera, larrialdi plan gaurkotua ez izatearen eraginez, baliteke 10.000 pertsona hil izana Italian lehen olatuan. Dagoeneko 60.000 hil dira herrialdean, koronabirusaren eraginez.
Salaketak, gainera, ika-mika eragin du Italiako Fiskaltzaren eta OMEren artean. Izan ere, hirutan deitu dute deklaratzera Zambon txostengilea, baina NBEk galarazi egin dio, bere zientzialariek immunitate diplomatikoa dutela argudiatuta, eta eskaera Italiako Atzerri Ministerioaren bitartez egin behar zuketela esanda.
|
2020-12-11
|
https://www.berria.eus/albisteak/191006/ela-eta-labek-hitzarmen-duin-baten-alde-batzartu-dadila-eskatu-diote-gipuzkoako-foru-aldundiari.htm
|
Gizartea
|
ELA eta LABek «hitzarmen duin baten alde» batzartu dadila eskatu diote Gipuzkoako Foru Aldundiari
|
Greba egunak izan dituzte atzo eta gaur Gipuzkoako zahar etxeetako langileek, ELAk eta LABek deituta. Gaurko manifestazioan, «sektorea duintzeko» eskatu diote aldundiari.
|
ELA eta LABek «hitzarmen duin baten alde» batzartu dadila eskatu diote Gipuzkoako Foru Aldundiari. Greba egunak izan dituzte atzo eta gaur Gipuzkoako zahar etxeetako langileek, ELAk eta LABek deituta. Gaurko manifestazioan, «sektorea duintzeko» eskatu diote aldundiari.
|
246. greba eguna izan dute gaur Gipuzkoako zahar etxeetako langileek. ELA eta LAB sindikatuek deituta, manifestazioan abiatu dira Donostiako Gipuzkoa plazatik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren paretik. Hain zuzen ere, aldundiari egin dizkiote bere eskariak: “hitzarmen duin bat behingoz onartzeko” eskatu diote, eta alde guztietako ordezkariak kontuan hartzeko horretarako. Bi sindikatuek bilera bat eskatu diote Gipuzkoako Foru Aldundiari.
Aldundiak atzo kaleratutako neurriak «benetakoak badira aurrerapausoa» dela adierazi du LABeko kide Leire Ormazabalek. Baina ELAko Janire Diazek gehitu du pauso hori ez dela “nahikoa”: «Neurriak ez dira nahikoa; zenbakiak ez dira aldatuko horrekin. Lan baldintzak ez dituzte aipatu ere egin. Pauso gehiago eman behar dira, eta ratioak are gehiago igo behar dira: 2008tik daude aldatu gabe».
Senideen elkarteak ere bertaratu dira langileei babesa adierazteko. Haien hitzetan, egoitzetako langileekin «zor handia» dute, eta beren lan baldintzak hobetzeak egoiliarren bizi kalitatea hobetzea ekarriko du ezinbestean. «Erreta» daudela aitortu dute, baina mobilizazioak izan bitartean parte hartzen jarraitzeko asmoa erakutsi dute.
Bi sindikatuek greba antolatua zuten atzo eta gaur, eta salatu dute gutxieneko zerbitzuak %100ekoak izan direla: «Langile guztiok dugun greba eskubidea urratu digute», adierazi du Ormazabalek. Dena den, mobilizazio gehiago iragarri dituzte datorren asterako, abenduaren 15erako.
|
2020-12-11
|
https://www.berria.eus/albisteak/191007/urkulluk-uste-du-ez-dagoela-sakoneko-arrazoirik-elkarrekin-podemosek-aurrekontuak-ez-babesteko.htm
|
Politika
|
Urkulluk uste du ez dagoela sakoneko arrazoirik Elkarrekin-Podemosek aurrekontuak ez babesteko
|
Lehendakariari iruditzen zaio iaz adostutako akordioa hein batean bete dela, eta, gogorarazi badu ere EAJ eta PSEren artean gehiengoa badutela, oposizioarekin ados jartzeko borondatea azaldu du.
|
Urkulluk uste du ez dagoela sakoneko arrazoirik Elkarrekin-Podemosek aurrekontuak ez babesteko. Lehendakariari iruditzen zaio iaz adostutako akordioa hein batean bete dela, eta, gogorarazi badu ere EAJ eta PSEren artean gehiengoa badutela, oposizioarekin ados jartzeko borondatea azaldu du.
|
Gobernuaren kontrol saioa egon da Eusko Legebiltzarrean, eta besteak beste, Miren Gorrotxategi Elkarrekin-Podemoseko bozeramaileak Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariari galdetu dio ea zer egin duen gobernuak Elkarrekin-Podemosekin zuen akordioa betetzeko. Urkulluk erantzun dio urte berezia izan dela, baina hein handi batean adostutakoa betetzen saiatu direla; berdintasun programak bete izana, indarkeria matxistaren aurkako borrokan adostutakoak bete izana eta diru sarrerak bermatzeko errenta handitu izana aipatu ditu, besteak beste.
Gainera, pandemiaren ondorioz, gizarte gaietara aurreikusi baina diru gehiago bideratu dela berretsi dio. Eta, Gasteizko gasaren erauzketari dagokionez, Gorrotxategiri aurreratu dio ez direla baimen gehiago emango gasa dagoen arakatzeko, eta gasa bilatzeko edo erauzteko proiektuetarako zeuden 700.000 eurotako diru saila ere kendu egingo dela. Horixe zen Elkarrekin-Podemosek egin zion eskaeretako bat.
Atzo iluntzean jaso zituzten erantzunak Podemosekoek. Osoko bilkuran Urkulluri egotzi dio akordioaren gaineko jarraipenik ez egin izana, eta «iluntasunez» jardun izana.
|
2020-12-11
|
https://www.berria.eus/albisteak/191008/bertze-bortz-hurbilketa-eta-euskal-herriratze-bat.htm
|
Politika
|
Bertze bortz hurbilketa eta Euskal Herriratze bat
|
Karlos Apeztegia Jaca Iruñeko kartzelara ekarriko dutela iragarri dute Espainiako Espetxe Erakundeek. Angel Telleria Uriarte, Jon Crespo Ortega eta Jon Etxeberria Oiarbide El Duesora eramanen dituzte, Jexux Mari Altable Etxarte Soriara eta Jon Mirena San Pedro Blanco Palenciara.
|
Bertze bortz hurbilketa eta Euskal Herriratze bat. Karlos Apeztegia Jaca Iruñeko kartzelara ekarriko dutela iragarri dute Espainiako Espetxe Erakundeek. Angel Telleria Uriarte, Jon Crespo Ortega eta Jon Etxeberria Oiarbide El Duesora eramanen dituzte, Jexux Mari Altable Etxarte Soriara eta Jon Mirena San Pedro Blanco Palenciara.
|
Azken hilabeteotan astero gisan, gaur ere iritsi da Espainiako Espetxe Erakundeen iragarpena: bortz preso Euskal Herri inguruko espetxeetara hurbilduko dituzte eta bat Euskal Herriratu eginen dute. Karlos Apeztegia Jaca da Euskal Herrira ekarriko dutena: Iruñeko espetxera mugituko dute, Ocañatik (Toledo, Espainia, 520 kilometro). Ocañan zegoen azken euskal presoa zen Apeztegia, eta, beraz, hura hurbilduta, ez da euskal presorik izanen kartzela horretan.
Bertze bortz presoak El Dueso (Kantabria, Espainia, 170 kilometro), Soria (Espainia, 260 kilometro) eta Dueñasera (Palencia, Espainia, 310 kilometro) mugituko dituzte. Hiru eramango dituzte El Duesora: Angel Telleria Uriarte, Jon Crespo Ortega eta Jon Etxeberria Oiarbide. Estremeratik (Madril, 520 kilometro), Murtziatik (Espainia, 820 kilometro) eta Castellotik (Herrialde Katalanak, 575 kilometro) mugituko dituzte, hurrenez hurren. Soriara Jexux Mari Altable mugituko dute, Castellotik hura ere. Jon Mirena San Pedro Blanco, berriz, Herreratik (Espainia, 640 kilometro) Dueñasera eramanen dute.
Apeztegiak, Telleriak eta Altablek bigarren graduan beteko dute zigorra, Espetxe Erakundeen arabera.
|
2020-12-11
|
https://www.berria.eus/albisteak/191009/izurria-giroa-gaiztotzeko-erabiltzea-egotzi-dio-urkulluk-oposizioari.htm
|
Gizartea
|
Izurria giroa «gaiztotzeko» erabiltzea egotzi dio Urkulluk oposizioari
|
EH Bilduk «arduragabekeriaz» aritzea aurpegiratu dio Jaurlaritzari, eta PPk, berriz, «sinesgarritasunik» ez izatea.
|
Izurria giroa «gaiztotzeko» erabiltzea egotzi dio Urkulluk oposizioari. EH Bilduk «arduragabekeriaz» aritzea aurpegiratu dio Jaurlaritzari, eta PPk, berriz, «sinesgarritasunik» ez izatea.
|
Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan koronabirusari aurre egiteko azken neurrien inguruan galdetu diote gaur Iñigo Urkullu lehendakariari. EH Bilduk eta PPk kritikatu egin dituzte Labik hartutako azken neurriak, besteak beste, batzuk malguegiak direlako eta beste batzuk, ostalaritzari ezarritakoak, zorrotzegiak. Iñigo Urkullu lehendakariak erantzun die ez dezatela erabili izurritea «giroa gaiztotzeko».
EH Bildutik Maddalen Iriarte bozeramaileak esan du izurria ez dagoela kontrolpean eta, beraz, ez dela neurriak malgutzeko abagunea. Iriarteren ustez, «arduragebekeriaz» ari da jokatzen Jaurlaritza, oposizioa gutxietsita eta neurriak arinduta. Iriarteren aburuz, Jaurlaritza ez dago ongi kudeatzen pandemia, besteak beste, datu objektiboen arabera ez liratekeelako neurriak lausotu behar. Horri lotuta, azpimarratu du osasuna «indartu» egin behar dela eta kaltetutako sektoreei ekonomikoki lagundu behar zaiela.
Ildo beretik mintzatu da PPko Carlos Iturgaiz. Hark salatu du zalantzan dagoela Jaurlaritzaren «sinesgarritasuna». Salatu du, halaber, «bidegabea» dela ostalaritza saltokiak baino ordubete lehenago itxi behar izatea.
Erantzuteko txandan, Urkulluk «ardura eta zorroztasuna» aldarrikatu ditu, eta oposizioari ohartarazi dio eztabaida «antzuek» gizarteari egiten diotela kalte. Lehendakariak nabarmendu du «gardentasunez» ari direla datuak ematen, baina aitortu du egoera larria dela oraindik eta guztion helburua izan behar duela konfinamendura itzuli behar ez izateak eta osasun kolapsoa ekiditeak.
|
2020-12-11
|
https://www.berria.eus/albisteak/191010/euskal-herritarren-zoriontasun-afektiboa-74-puntukoa-da.htm
|
Gizartea
|
Euskal herritarren zoriontasun afektiboa 7,4 puntukoa da
|
Euskal herritarren harreman eta zoriontasun afektiboa eta sexuala aztertu ditu 'Kaixomaitia.eus' atariak, Aztiker ikergunearen laguntzarekin. Harreman eredu klasikoa gailentzen da.
|
Euskal herritarren zoriontasun afektiboa 7,4 puntukoa da. Euskal herritarren harreman eta zoriontasun afektiboa eta sexuala aztertu ditu 'Kaixomaitia.eus' atariak, Aztiker ikergunearen laguntzarekin. Harreman eredu klasikoa gailentzen da.
|
Euskal herritarren zoriontasun afektibo-emozionala 7,4 puntukoa da; zoriontasun sexuala, berriz, 6,2koa. Datuak beste era batera emanda, lau euskal herritarretatik hiru zoriontasun afektibo-emozional handia edo oso handia dute, eta %56k, zoriontasun sexual handia edo oso handia. Adinaren araberako bilakaera aztertuz gero, bi marrak paraleloan doaz. Zoriontasun sexualari dagokionez, gainerako %44ek esan dute erdipurdikoa, apala edo oso apala dela.
Harreman eredu klasikoa nabarmentzen da Kaixomaitia.eus-ek 2020an egin duen ikerketan: bikotea, bikote heterosexuala eta harreman mota itxia. Bikote harreman itxia dute gehienek (%70); bost urte barru bikotekide berarekin jarraitzea espero dute (%79,7), eta bikotekidea ez dutenen %59k ere hori nahi dute. %6k ez dute bikotekiderik nahi. Konfiantza eta zintzotasuna bilatzen dituzte harremanetan (%78,4), elkarrekiko maitasunaren (%68,3), ondo pasatzeko pertsona baten (%58,9) eta sexuaren aurretik (%47,2).
Kaixomaitia.eus-ek 2016an egin zuen euskal herritarren harreman afektiboei eta sexualei buruzko ikerketa. Orduan, 4.000 lagunek erantzun zituzten galderak, eta 1.500 laguneko lagin bat osatu zuten. Aurten, 8.000 lagunek parte hartu dute, eta 4.500 pertsonako lagin bat osatu dute, errealitatearen ahalik eta antzekoena izateko. Nabarmentzeko moduko datua da, bai aztertutako gaien intimotasunagatik, bai inkesta oso zabala izan delako, 73 galderakoa. Aztiker arduratu da inkestaren zorroztasun teknikoaz eta datuak ustiatzeaz. Lagina osatzeko eta ponderazioa egiteko, bost aldagai erabili dituzte: hizkuntza gaitasuna, sexua, adina, herrialdea eta boto asmoa.
Salbuespena dira harreman irekiak: %16k soilik izan dituzte. Hala ere, beste %16k bere egungo harremana irekiko lukete. Proportzioa handiagoa da gizonen artean emakumeetan baino. Iritzi zabalduena da harreman irekiak ez direla bideragarriak luzera begira (%44,7); baina lautik batek uste du (%23,4) irekia izateak bikotearen heldutasuna erakusten duela.
Euskal herritarrek astean behin, bitan edo gutxiagotan izaten dituzte, batez ere, sexu harremanak: astean behin edo bitan %36,8k, astean behin baino gutxiago lautik batek (%25,7), eta hilean behin baino gutxiago %14,5ek. Sexu harremanik ez dute hamarretik batek (%10,9). Sexu harremanik ez dutenen artean, proportzio handiagoa da homosexualen (%14,7) eta bisexualen (%19,1) artean, heterosexualen artean baino (9,7). Gehienek, %44k, sarriago izan nahi lituzkete sexu harremanak, astean hirutan edo gehiagotan. Astean behin edo bitan %38,8k. Batez beste astean sexu harreman bat izaten da (0,97); ikerketan parte hartu dutenek hiru (2,97) nahi lituzkete, ordea.
Pornografiaren kontsumoa zabalduta dago. %40,3k esan dute ez dutela pornografiarik kontsumitzen. Gainerako guztiek bai, maizago edo bakanago. %5,9k egunero, eta %14,5ek astean bitan. Gazteenek kontsumitzen dute gehien. 18-29 urte artekoen %40k, astero edo sarriago. Gizonen %98 masturbatzen dira, eta emakumeen %94. Gizonen %12,5, egunero; emakumeen %2,5.
Euskal herritarren %14,9ri bere sexu berekoekin sexu harremanak izatea gustatuko litzaieke. Alde nabarmena dago gizonen eta emakumeen artean: lau emakumetik bati gustatuko litzaioke (%24,2); hamar gizonetik bati, ordea.
Sexua ez da tabua, baina herritar askok jarraitzen dute bikotean sexuari buruz hitz egin gabe edo oso gutxitan hitz egiten, ia lautik batek.
|
2020-12-12
|
https://www.berria.eus/albisteak/191011/ez-naiz-sekula-lanera-tripako-minarekin-joan.htm
|
Bizigiro
|
«Ez naiz sekula lanera tripako minarekin joan»
|
1974an hasi zen Seaskarekin formatzen irakaslegora, eta 2018an hartu zuen erretreta. Zuberoako bi ikastoletan ari izan da, eta garapenaren lekuko izan da, hamar ikaslez petik ehunetik gora.
|
«Ez naiz sekula lanera tripako minarekin joan». 1974an hasi zen Seaskarekin formatzen irakaslegora, eta 2018an hartu zuen erretreta. Zuberoako bi ikastoletan ari izan da, eta garapenaren lekuko izan da, hamar ikaslez petik ehunetik gora.
|
Baxoa huts eginik ere, bere gustuko ofizioa egin nahi zuen Solange Chimixek (Pagola, 1956), eta Seaskarengana jo zuen. Basaburuan lehenik eta Pettarrekoan gero, ibilbide profesionala ikastoletan egin du 2018ra arte.
Ikastolako irakasle izatea gauza arrunta zen ingurukoentzat?
Ene familiarendako ez zen batere arraroa; badakit aitarekin joan ginela Eñaut Larralderen ikustera, halako jendeak ezagutzen zituen. Herrian, Pagolan, hala zen: bakarra nintzen, baina haurrideekin bezala bakoitzak bere bidea egiten zuen. Edozein gisan irakaskuntza zen nahi nuena.
Euskararen transmisioa eskolatik egitea, alta, ez da oraino denen partetik barneratua.
Gu aita eta amarekin beti euskaraz mintzatu gara, haurrideen artean beti euskaraz. Orain ene haurrideetan bada bere haurrei ez duenik euskara irakatsi; ez kontra direlakoz, baina ez zien balio arauz, edo hirira joan direlako... Ilobekin ere, zenbaitzuekin euskaraz, besteekin frantsesez.
Ikastolen hastapenak ezagutu dituzu, orain arrahaurren xerka zoaz ikastolara. Zer aldatu da?
Alde batetik, haur kopuruak izugarri tipiak ziren. Basabürüko ikastolan nintzelarik, zazpi edo zortzi haur baldin bazen, kontent nintzen eta goxo zen, ama eskola osoan! Haur bat eritzen bazen, bost haurrekin zinen, doi... Etxekoen aldetik gehienek euskara bazekiten. Egun, kopuruak handitu dira, eta izugarri ontsa da gero eta familia haborok euskara sartzen baitu bere etxean, eta prefosta haur erdaldun gero eta haboro bada. Denboran ez zen hainbeste telebistarik, eta haurrak orain baino nekezago lerratzen ziren frantsesera. Orain etxean euskara entzunik ere lerratzen dira. Baina ikastolak egiten ditu haur euskaldun haboro eta hori gauza baikorra da. Pedagogia mailan, sartu ginelarik Seaskan biltzen ginen, behar ukan ditugu diplomak igaran, eta emeki-emeki [Frantziako] Hezkunde Nazionalaren peko izan gara, eta gara. Gauza ederra da, ezagutuak baikara.
Aldaketa handiak ekarri zituen?
Bide bat eraiki du, baina historia lantzen dugularik Euskal Herriko historia lantzen dugu, geografian badugu aski gune hemengo geografia lantzeko, Euskal Herrikoa. Ni gogo onez sartu nintzen, eta ikuskaritza ukan dugun aldi oroz erranik izan zaigu gure lana egiten genuela, euskaraz izanik ere.
Gurasoetan orain badira hezkuntzaz dena badakitenak?
Bai, baina ez dit trabarik ekarri; adinari lotzen dut: azken hamar urteetan jin diren etxeko gazteak ene haurren adinekoak ziren. Nonbait, esperientzia amiñi bat banuen; uste dut errespetua ekarri duen. Bai jakintsu direla, baina beren haurrak dira, normala da. Prefosta, duela 35 edo 40 urte andereño nintzelarik, etxekoek ene adina zuten. Ni irakasle horiek guraso, baina behar zelarik joan paztetx [talo] egitera ez genuen galdetzen nor zen irakasle, nor guraso; denak joaten ginen. Horiek ziren ene lagunak. Gozatu naiz!
Ikastola ez da eskola publikoa.
Guretako normala zen, bilkurak oro jarraitzen genituen, besta batzordean ginen... Ez zinen izaten ahal irakasle soil. Eder zen lohian eta eurian manifestatzea gurasoekin bat. Guretako normala zen, eta ez dakit emeia genukeenez eskola publikoan bezala gure lana egin eta etxera joan. Harreman horiek oso inportanteak ziren guretako eta bai haurrendako ere.
Oraino hala da?
Prefosta, azken urte honetan ez da pastoralik izan, ez Müsikaren Egünik, Herri Urratsik ez da egin, maskaradarik ez... Beraz, ikastolak ez du paztetxik egin. Baina ikusten dut ene haurrek nor dituzten lagunak: haurrak ikastolan ezarri dituzten familiak dira. Ikastola handitu da; beraz, lanak badira garbiketan, kantinan hiru zerbitzu, arroila egiteko edo arbel bat pausatzeko ez da ofizialerik, gurasoek dituzte egiten.
Zer oroitzapen atxikitzen duzu ikastolako ibilbidetik?
Gure haurrak ikastolan hasi zirelarik, hemen erraten zuten gure haurrek ez zutela harremanik ukanen herriko haurrekin. Hori ez nuen nahi, ez zen batere helburua eta duda ukan nuen; ohartu zirelarik emeki-emeki herrian berdin sartzen zirela eta nonbait beste gazteak jelosten zituztela, euskara entzuten baitzuten baina ez mintzatzen... Horretaz franko harro nintzen. Alabak baxoa ukan zuelarik euskaraz, herriko gazte batek erran zion xantza zuela, berak ere nahiko zukeela. Ikasia ikasi, orain ez dute ikasterik. Bestalde, ene ofizioa izugarri maite ukan dut, maite nuen lana egiten nuen. Ez naiz sekula lanera tripako minarekin joan.
Zure hitzak entzunez iduri luke dena aisa izan dela, alta ikastolaren bidea ez da sinpleena izan.
Manifestatzera joaten ginen, langabezia hunkitzen genuen eta berdin lanean ari ginen... Baina elkarrekin ginen eta ikusten zen ikastola eraikitzen ari zela. Xantza bat izan da maite nuen lana egitea maite dudan hizkuntzan.
|
2020-12-11
|
https://www.berria.eus/albisteak/191012/lantaronen-emaztea-hil-zuen-gizonezkoak-azpikeria-erabili-zuela-erabaki-du-epaimahaiak.htm
|
Gizartea
|
Lantaronen emaztea hil zuen gizonezkoak azpikeria erabili zuela erabaki du epaimahaiak
|
Epaimahaiburuak datozen egunetan esango du zein den behin betiko sententzia. Fiskaltzak 25 urte eskatu zituen Herrerorentzat; defentsak, berriz, hamabost.
|
Lantaronen emaztea hil zuen gizonezkoak azpikeria erabili zuela erabaki du epaimahaiak. Epaimahaiburuak datozen egunetan esango du zein den behin betiko sententzia. Fiskaltzak 25 urte eskatu zituen Herrerorentzat; defentsak, berriz, hamabost.
|
Gizonezko batek emaztea hil zuen 2017ko urriaren 2an, Lantaronen (Araba). Haren epaiketa azaroaren 30ean hasi zen, Arabako Probintzia Auzitegian, eta epaimahaiak aho batez onartu du Agustin Herrerok azpikeria erabili zuela Ana Belen Jimenez hiltzeko, baina baztertu egin du ankerkeria erabili izana. Horrez gain, gogoan hartu ditu generoaren eta ahaidetasunaren larrigarriak ere. Hala ere, behin betiko epaia ez da argitaratu, eta epaimahaiburuak datozen egunetan esan beharko du zein den zigorra. Efe agentziak, ordea, aurreratu du litekeena dela 20 eta 25 urte arteko espetxe zigorra ezartzea.
Hain zuzen, fiskaltzak 25 urteko espetxe zigorra eskatu zuen Herrerorentzat, «azpikeriaz eta ankerkeriaz» eginiko hilketa delitua egotzita, eta generoaren eta ahaidetasunaren larrigarriak ere aipatu zituen. Defentsak, berriz, hamabost urteko kartzela zigorra eskatu zuen, hiltzailek emaztea azpikeriaz hil izana aitortu, hilketan erabilitako arma entregatu eta egindako mina erreparatzeagatik. Larrigarriak bertan behera uzteko ere eskatu zuen. Beraz, fiskaltzak eskatutako lau puntuetatik hiru onartu ditu epaimahaiak.
|
2020-12-13
|
https://www.berria.eus/albisteak/191013/bilatzen-genituen-elementu-guztiak-zituen-kutsidazu-k.htm
|
Kultura
|
«Bilatzen genituen elementu guztiak zituen 'Kutsidazu'-k»
|
Demode Produkzioak-ek sorkuntzaren arloan aritzeko gogoa zuen, eta 'Kutsidazu bidea, Ixabel' nobela aukeratu du musikal bat egiteko. Dramaturgia nahiz abestiak ikuskizunerako propio sortuak dira.
|
«Bilatzen genituen elementu guztiak zituen 'Kutsidazu'-k». Demode Produkzioak-ek sorkuntzaren arloan aritzeko gogoa zuen, eta 'Kutsidazu bidea, Ixabel' nobela aukeratu du musikal bat egiteko. Dramaturgia nahiz abestiak ikuskizunerako propio sortuak dira.
|
1994an idatzi zuen Kutsidazu Bidea, Ixabel nobela Joxean Sagastizabalek. Lan horretan oinarrituta, antzezlana, telesaila eta filma ere egin dituzte ordutik. Zerrenda horri musikal bat ere erantsi dio Demode Produkzioak-ek. Urrian estreinatu zuten, eta bihar eta etzi Donostiako Viktoria Eugenia aretoan emango dute, 19:00etan. Xanti Korkostegi, Maria Redondo, Ainhoa Aierbe, Inazio Tolosa, Karlos Ngema, Iker Huitzi, Joli Pascualena eta Santi Romano dira aktoreak. Nobelako eta musikaleko sinopsiak berberak diren arren, ikusleak «opari asko» aurkituko dituela dio Patxi Barco zuzendariak (Donostia, 1959).
Zergatik Kutsidazu bidea, Ixabel? Eta zergatik musikal bat?
Duela hamar urte sortu genuen Demode Quartet, eta gure lanaren oinarrian honako hauek daude: a cappella abestea, bertsioak asko zaintzea eta umorea. Bertsioek kokatu gaituzte mapan, baina oraingoan, jauzi bat egin, eta sorkuntzan aritu nahi genuen; dramaturgiaren sorkuntzan, testuenean, nahiz abestienean, letrak eta musikak eginez. Zer egin pentsatzen ari ginean, Jolik [Joli Pascualena, Demode Quarteteko kideetako bat] proposatu zuen Kutsidazu bidea, Ixabel, eta denoi piztu zitzaigun bonbilla. Dibertigarria da, euskaldun kultura osoa katigatu du, inklusiboa da... Abiapuntu moduan, bilatzen genituen elementu guztiak zituen Kutsidazu-k. Oztopo bakarra zen euskaraz bakarrik egin zitekeela, guk normalean gaztelaniaz nahiz euskaraz egin daitezkeen lanak bilatzen ditugulako, baina iruditu zitzaigun merezi zuela.
Joxean Sagastizabalen nobelak izandako arrakastaren ostean, antzezlana, telesaila eta pelikula etorri ziren. Hain ezaguna izateak ez dizue ikusleei errepikakorra iruditzeko beldurrik eragin?
Ez, oso ezberdinak direlako elkarrengandik. Ikusleak ikusiko duenaren %60-70 gure sorkuntza lana da.
Aipatu duzu zeuek sortu dituzuela dramaturgia nahiz abestiak. Nolakoa izan da prozesua?
Dramaturgia Aitziber Garmendiak eta biok egin dugu elkarrekin, eta, besteak beste, euskalkiekin eta hitz jokoekin jolastu dugu. Nobelako gauzak daude, eta asmatu ere egin ditugu beste batzuk. Abestiei dagokienez, estilo guztietakoak daude: tango sentsuala, rock bat, gospela, txistua eta txalaparta... Hain zuzen, disko bat ere egin dugu ikuskizuneko abestiekin, eta aste honetan aurkeztu dugu Durangoko Azokan. Kantatu egin behar zuten aktoreek, eta oso maila ona eman dute.
Aurkezpenean esan zenuten nobelaren egokitzapen erabat librea egin duzuela. Zer aurkituko du ikusleak zuen lanean?
Gure lanaren sinopsia eta nobelarena berdinak dira: Donostiako euskaldun berri bat baserri batera joaten da euskara ikasteko, maitemindu egiten da, talka bat dago nekazaritza munduarekin... Nobela irakurri duenak gauza batzuk oso erraz identifikatuko ditu, baina, horrez gain, opari asko aurkituko ditu. Ordu eta erdiko lana da, eta momentu dibertigarri asko daude, erraz ikusten da, erritmo handia du. Guretzat gozamen hutsa da lan hau egitea.
Urrian estreinatu zenuten lana. Ez dira garairik errazenak arte eszenikoentzat. Zer moduz doaz emanaldiak?
Jaiotzen ari gara oraindik, eta mantentzen ditugu lotuta genituen emanaldiak. Aurreneko helburua estreinatzea zen, eta orain merkatua ea nola dagoen ikusi beharko dugu. Artilleria guztiarekin atera gara gu: zortzi pertsona aritzen dira oholtza gainean. Uste dugu horrelako lan batek euskaldun asko eraman ditzakeela aretoetara ondo pasatzera. Iruñeko Gaiarreko emanaldirako sarrera guztiak hamabost minutuan saldu genituen [atzo izan zen emanaldia]. Zazpiehun laguneko edukiera du antzokiak, eta 350 sarrera jarri ziren salgai. Eta pentsatzen duzu: 'Jo, aretoa lehertzeko aukera genuen'. Aretoak leku erabat seguruak dira, jendea aurrera begira dago, ez da mugitzen, distantziak errespetatzen dira, eta horrela gabiltza. Baina gero autobusean jendea estu-estu eginda joaten da. Ea normaltasuna pixka bat berreskuratzen dugun.
Aurrera jarraitu edo ez; zalantzarik izan duzue?
Momentu batzuetan etsitzeko gogoa izaten genuen, baina gero pentsatzen genuen ikuskizuna muntatze hutsa mezu bat zela, aurrera egin behar dela erakusten duen mezu bat. 'Gera gaitzala errealitateak' izan da gure leloa. Baina, noski, konplikatua izan da. Bideodeiekin egiten genituen entseguak, eta hori oso zaila da kantatu behar duzunean. Banakako lanaren bidez eta sareen bidez asko aurreratu dugu, eta, azkenean, pandemian sortutako espektakulua izan da.
|
2020-12-12
|
https://www.berria.eus/albisteak/191014/luzapena-eta-penaltiak.htm
|
Kirola
|
Luzapena eta penaltiak
|
Astelehenean egingo dituzte Gipuzkoako Futbol Federazioko hauteskundeak. Bi hautagaitza ariko dira lehian: 'Garai Berriak' eta 'Gipuzkoa, denon joko zelaia'
|
Luzapena eta penaltiak. Astelehenean egingo dituzte Gipuzkoako Futbol Federazioko hauteskundeak. Bi hautagaitza ariko dira lehian: 'Garai Berriak' eta 'Gipuzkoa, denon joko zelaia'
|
Ez hasieran behar zuen egunean, azaroaren 23an, eta ez hasierako bi hautagaiekin, Manu Diazekin (Garai Berriak) eta Adrian Merinorekin (Gipuzkoa, denon joko zelaia). 33 urteren ondoren, Juan Luis Larreak astelehenean utziko dio Gipuzkoako Futbol Federazioko presidente izateari, eta 110 boto emaileren esku egongo da azken erabakia. Gipuzkoa, denon joko zelaia hautagaitzak sortu du eztabaida azken asteotan, Merinok presidentegai kargua uztea erabaki zuelako abenduaren 1ean, «arrazoi pertsonal eta profesionalengatik». Jose Luis Colinak hartu du hautagaitza horren lidergoa, baina ez Hauteskunde Batzordeak eta ez Garai Berriak hautagaitzak ez dute onartu hautagai gisa. Izatez, Merino da, beraz, hautagaia —dimisioa aurkeztu izan balu, bertan behera geratuko zen zerrenda guztia—, eta astelehenean hark hartuko du hitza, bozketaren atarian. Baina ikusteko dago hauteskundeak hautagaitza horrek irabaziz gero Adrian Merino izango litzatekeen Gipuzkoako Futbol Federazioko presidentea, edo egun gutxiren buruan dimisioa aurkeztu eta Colinak ordezkatuko lukeen.
Eztabaida giro betean, astelehenean 18:30erako daude deituta hauteskundeak —lehen deialdian—, Donostiako Atano III.a pilotalekuan, eta 19:00etan izango da bigarren deialdia. Gipuzkoako 78 klubek boto bana izango dute bozketan, hamarna boto izango dituzte entrenatzaileek eta epaileek, eta seina jokalariek eta areto futboleko ordezkariek. 110 boto emaileak bertaratuz gero, beraz, 56 beharko dira garaipena lortzeko. Astelehenean eta Atano III.ean bertan eman beharra dago botoa, ordea, eta COVID-19aren pandemiak edo edozein ezustekok gorabehera bat baino gehiago sor dezake bozketan.
Merinorekin, zalantza
Bergararra da Manu Diaz, eta aldaketarako «gogotsu» dago. Adrian Merino aretxabaletarra, berriz, Larrearen jarraipen gisa saldu dute batean eta bestean, azken agintaldian federazioan bertan lanean aritutako hainbat baitaude zerrenda horretan. Gipuzkoa, denon joko zelaia hautagaitza «ilusioz gainezka» dago hauteskundeak irabazteko, hala ziurtatu du Colinak —Merinok ez du hitz egin nahi izan—. «Espero dezagun, gainera, Adrianek azkenean bere egoera pertsonal eta profesionala konpontzea, eta bera izatea presidentea; ez dugu baztertzen aukera hori».
Gipuzkoa, denon joko zelaia hautagaitzak, hori bai, ez du baztertzen, hauteskundeak irabaziz gero, Merino presidente izendatzea, hark dimisioa ematea eta karguan Colinak ordezkatzea. «Legezkoa litzateke, nahiz eta ulertzen dugun arraro samarra izatea. Denei azalpenak ematen ari gara, eta guztiek ulertu dutela uste dut; ez da egongo arazorik».
Guztiek ulertu ez dutena Realaren jarrera izan da. Jokin Aperribai presidenteak «batasuna» eskatu zuen urriaren 14an eman zuen prentsaurrekoan, baina argi hitz egin zuen Garai Berriak hautagaitzaren alde. Gipuzkoa, denon joko zelaia zerrendak gogor kritikatu zuen mugimendu hori, eta salatu zuten, halaber, Reala ezkutuan hainbat klubi presioa egiten ari zela. «Baina gai horri dagokionez beste fase batean sartu garela uste dugu. Errespetu handia diogu Realari», zehaztu du Colinak.
Hain zuzen ere, Reala bera saiatu zen bi hautagaiak elkartu eta hautagaitza bateratu baten aldeko pausoak ematen. Azaroaren 16an egin zuten lehen bilera, Anoeta estadioan, baina prentsara filtratu zuten bilera hori, eta hortik aurrera Realak uko egin zion bitartekari lana egiteari.
Colinak argi dauka hauteskundeak eurek irabaziz gero zein litzatekeen lehen neurria: «Klubekin elkartzea, denboraldiarekin zer egingo dugun erabakitzea eta arlo ekonomikoa aztertzea». Eskola kirolari dagokionez, orain artekoari eusteko apustua egingo lukete. «Hala nahi dute Gipuzkoako klub gehienek».
|
2020-12-13
|
https://www.berria.eus/albisteak/191016/ilusio-zoroetatik-irrati-librea.htm
|
Bizigiro
|
Ilusio zoroetatik, irrati librea
|
Iurretako hainbat gaztek Laixiar irrati librea sortu dute ideiak trukatzeko, ondo pasatzeko eta «zorakeriak» esateko. Dagoeneko bi irratsaio aireratu dituzte.
|
Ilusio zoroetatik, irrati librea. Iurretako hainbat gaztek Laixiar irrati librea sortu dute ideiak trukatzeko, ondo pasatzeko eta «zorakeriak» esateko. Dagoeneko bi irratsaio aireratu dituzte.
|
«Lagun arteko irrati bat», «ondo pasatzeko eta gozatzeko proiektu bat», «gure ideia zoroak botatzeko espazio bat». Hala deskribatu dute Iurretako Laixiar irrati libreko kideek beren proiektua. Iurretako lagun talde gazte batek irrati bat sortzeko utopiari ilusioz eta anbizioz eutsi dio; lortu arte. Azaroan ikusi du argia Laixiar irrati libreak; sarean eman dituzte lehenengo bi irratsaioak, podcast formatuan. Orotara, hamar kidek osatzen dute irratiko lan taldea. Mikel Elizaran, Asier Totorika, Asier Vera, Aimar Legorburu eta Ander Duñabeitia Bizkaiko Hitza-rekin bildu dira Iurretako plazan, proiektuaren nondik norakoez solastatzeko.
Hasiera puntura begiratu dute bost kideek. Duela urte batzuk piztu zitzaien irrati bat sortzeko ideia: «Aspaldi irrati bat egiteko ideia izan genuen, baina bitartekoak falta zitzaizkigun. Baliabiderik ez genuenez, hasierako asmo hori hoztu egin zen denborarekin», azaldu du Ander Duñabeitiak. Asier Verak oraindik atzerago ere gaurko ilusioaren arrastoren bat ikusi du: «Txikitan Kokoriko Irratia izan genuen, eta baliteke nostalgia horretatik abiatu izana». Ez dago argi hastapenetako ideiaren jatorria non dagoen, argi dutena da ilusioa berrartzeko arrazoia: abadetxearen irekiera. Herriaren zerbitzuetarako eraikina izan zen aspaldi, urteak eman ditu itxita, baina Iurretako gazteek berriro okupatu dute aurten. «Abadetxea zabaldu denean, ilusio handia piztu zaigu; horrela, irratiaren gaiari heltzea erabaki genuen. Hasiera hartako jendea eta kide berri gehiago batu ginen. Horrela hasi zen kontua», zehaztu du Duñabeitiak.
Bi proiektuen artean lotura badago ere, saretzeaz hitz egiteko «goizegi» da bost kideen ustetan: «Laixiar irratia forma hartzen dabil oraindik; hasi besterik ez da egin. Saretzeaz hitz egiteko goizegi da testuinguru honetan, baina bai, Abadetxeak animatu gaitu irratia sortzera. Hein batean, lehenengo saioan horregatik eman zaio Iurretako Gazte Asanbladari ahotsa», esan du Elizaranek. Atzera begiratzetik aurrera begiratzera jarri dute begirada. Orain ez dute aterpe finkorik, eta COVID-19aren aurkako neurriak direla eta, kideen etxeetan ekoizten dituzte saioak. Etorkizunean, abadetxea izan nahi dute proiektuaren gotorleku, herritar ororentzat eskuragarri egon dadin.
Irratiaren izena hurbila da iurretarrentzat. Irratiko kideek aho batez erabaki zuten: Laixiar. Iurretako larre zabal bat da:«Bertokoentzako oso leku sinbolikoa da», adierazi du Totorikak. Kofradiaren elkargunea izaten zen, eta orain urtero bazkari jendetsu bat antolatzen dute bertan. Gazteek ere bertan egin izan dute lo, ekintzak antolatu, parrandaren bat edo beste egin... «Zelai hori mito bat da», gaineratu du Legorburuk.
Askatasuna, printzipio gisa
Argi izan duten beste puntu bat irratiaren izaera da: «Irrati bat egin nahi genuen, ez egunkari bat, ez beste komunikabide bat: irrati bat», adierazi du Totorikak, segurtasunez. Laixiar Irratiaren izaerak berezitasun asko ditu. «Libre» hitza darama abizen gisa. Abizen horrek era askotako askatasunei egiten die erreferentzia: «Autogestionatua da, irrati gehienak ez bezala, ez dago finantzatuta, inork ez du jartzen gurean publizitaterik, eta, ondorioz, ez dugu inongo kanpo eraginik. Guk geure ideiak ditugu, eta nahi dugun moduan botatzen ditugu», azaldu du Verak. Legorburuk askatasunaren beste aurpegi bat plazaratu du: «Irekitasuna ere bai, pertsona bat badator eta zerbaiten inguruan hitz egin nahi badu, hor dauka eskuragarri plataforma bat, bozgorailu bezala». Gonbita horretan, emakumeen presentzia indartu nahi dute. Izan ere, hamar kide dira, baina pare bat emakume ez daude tartean. Veraren iritziz, lagun artetik jaiotako proiektua delako gertatu da hori:«Ez gara inorengana joan. Uste dut modu naturalean, lagun artean sortutako zerbait delako hartu duela forma hau, eta, era berean, horri eutsi nahi diogu: nahi duena nahi duenean hurbiltzea nahi dugu».
Izan ere, aurre lanketa askorik gabe, ilusio baten bulkadaz jaio zen irratia. Helburuaz ez dute gehiegi hausnartu; «modu naturalean» dabiltza bidea egiten, baina gozamena eta entretenimendua da kideek eskaini nahi dutena: «Ondo pasatzea da bilatzen duguna, ez?», galdetu die lagunei Legorburuk. Barre egin dute denek. «Botatzen ditugun zorakeriak gustatzen bazaizkie, ba, are hobeto», gehitu du. Duñabeitia ados dago lagunarekin: «Helburua ez da entzule kopuru jakin bat lortzea, egiten gabiltzan hori egiten ondo pasatu nahi dugu, irratiaren mundua nolakoa den ikasi». Ingurukoen konpainian denbora modu entretenigarrian pasatu nahi dutela kontatu dute: «Jendearekin biltzerakoan gustura egon, barre egin eta gure zorakeriak botatzeko espazio bat sortu nahi genuen».
Bi astero kaleratzen dituzte saioak, eta, momentuz, bi daude entzungai. Herritarren erantzunei erreparatuta, helburua bete dutela dirudi: «Oso harrera ona izan du proiektuak. Lanean, familian... barre asko egin dute gurekin; asko gustatu zaie». Momentuz, «entretenimendu hutsa» dela esan du Verak. Baina, helburuen forma ere aldakorra izan daitekeela aurreikusten dute: «Printzipioz horrela jaio da. Agian, gerora, beste erronka batzuk hartuko ditu, baina oraindik forma hartzen ari da».
Erronkak hizpide, finantzaketa sistemaren gaia ere mahai gainean ipini dute: «Hau ere inprobisazio hutsa ari da izaten», aitortu du Verak.«Baina zehaztu beharko da, irratiaren azpiegituretarako dirua behar da eta», gehitu du. Barre egin dute kideek. Momentuz, kide bakoitzak bere poltsikotik diru kopuru zehatz bat jarri du proiekturako, baina, gerora, zozketak edo finantzaketa kolektibo kanpaina bat egitea pentsatu dutela azaldu dute.
Oraingoz, baliabideak ez dituzte alde, baina, anbizioz dihardute: etorkizunaz kezkatzen baino gehiago, bizitzen ari diren orainaz ahalik eta gehien gozatzen.
|
2020-12-12
|
https://www.berria.eus/albisteak/191017/nekatuta-daudela-esan-digute-klubek-batasuna-nahi-dute.htm
|
Kirola
|
«Nekatuta daudela esan digute klubek; batasuna nahi dute»
|
Espero eta nahi baino liskartsuagoa izan da hauteskunde kanpaina, baina Manu Diaz gustura dago azken urtebetean egindako lanarekin. Ideia eta lan egiteko modu berriak aplikatuko dituztela ziurtatu du.
|
«Nekatuta daudela esan digute klubek; batasuna nahi dute». Espero eta nahi baino liskartsuagoa izan da hauteskunde kanpaina, baina Manu Diaz gustura dago azken urtebetean egindako lanarekin. Ideia eta lan egiteko modu berriak aplikatuko dituztela ziurtatu du.
|
Futbol kontuez «gehiago» hitz egin nahiko luke, baina futbol arloaz kanpoko hamaika gertaeraz aritu behar izan du azken aste eta hilabeteotan. Manu Diazen (Bergara, 1965) hautagaitzak ideia berriekin sartu nahi du Gipuzkoako Futbol Federazioan, eta sinetsita dago astelehenean presidente izendatuko dutela. «Erabaki irmoak behar ditu Gipuzkoako futbolak». Besteren artean, federazioko presidenteak karguan gehienez zortzi urte egitea defendatu du bergararrak, baina, oraingoz, agintaldi bakarra hitzeman du berak. «Ez gehiago».
Gorabehera askoko hilabeteak igarota, zer moduz iritsi zarete Gipuzkoako Futbol Federazioko hauteskundeen atarira?
Itxaropentsu gaude, klub gehienen babesa daukagulako. Horretan, harro gaude gure taldeak egin duen lanarekin. Baina harrituta gaude beste hautagaitzak azken orduan aldatu duelako hautagaia; erabat etikaz kanpokoa da hori. Gipuzkoako futbolari iruzur egin nahian dabiltza.
Adrian Merino da, berez, Gipuzkoa, denon joko zelaia hautagaitzaren presidentegaia, baina, izatez, Jose Luis Colina da hautagaitza horren burua. Zer iruditzen zaizue?
Alde batetik, oso argi gelditu da haustura dagoela Gipuzkoa, denon joko zelaia hautagaitzaren barruan dauden batzuen eta gaur egun federazioaren zuzendaritzan daudenen artean; isilik daude azkeneko horiek, baina agintzen jarraitu nahi dute. Juan Luis Larrearen lehengusua da Jose Luis Colina, eta agintea familian mantentzeko estrategia bat besterik ez da hautagaitza horren buru bera jarri nahi izatea.
Gipuzkoak behar duen horretatik oso urrun dago, gainera, bere burua hautagai bihurtu duen pertsona. Bere bidea egin beharko luke epaileen estamentuak, independentea izan beharko luke, eta Colinak klubetatik urrunduta egin du bere ibilbide guztia, epaileen estamentuan.
Reala buru zela, hautagaitza bakarra sortzeko ahalegina egin duzue alde biek, baina saiakera bertan behera gelditu zen, filtrazioen eraginez. Zer gertatu zen lehen bilera horren ondoren?
Gai garrantzitsu askotan bi aldeak elkarrengandik urrun geundela jakinda ere, ilusioz beteta hitzartu genuen lehen bilera hori. Negoziazio horiek isilpean egin beharra geneukala erabaki genuen, baina, ezustean, prentsan agertu zen dena, filtrazio bidez. Orduan, hiru aldeek ikusi genuen hobe zela aurrez aurreko beste bilerarik ez egitea. Hori bai, Adrian Merinok eta biok elkarrengana hurbiltzeko saiakera bat egin genuen.
Saiakera horrek ez du emaitza onik eman?
Azken unera arte saiatu gara, baina ezinezkoa izan da. Adrianek berak eta federazioan esperientziarik ez daukaten bere hautagaitzako beste hainbatek begi onez ikusten zuten hautagaitza bakarraren ideia, baina betiko interesekin eta pertsonekin topo egin du bide horrek; gaur egun federazioan dauden horiekin.
Beste hautagaitzari ez zaio gustatu Realak, ofizialki, zuen alde egin izana. Zer iritzi duzue?
Lehenik eta behin, duela hamabi urte bi hautagai izan ziren Gipuzkoako Futbol Federazioko hauteskundeetan [Juan Luis Larrea eta Jaime Barriuso], eta Gipuzkoa, denon joko zelaia taldeko hainbat pertsona zeuden zerrenda horietako batean; Ramon Azkarate, esaterako, orain Realaren inguruan gehien kexatu denetako bat. Azkarate eta Juan Luis Larrearen hautagaitza hartan zeuden Iñaki Badiola Realeko presidentea eta Luis Maria Antoñana Moraza Realeko bozeramailea. Horregatik, harrituta gaude orain esaten ari diren guztiarekin. Realak Gipuzkoako beste edozein klubek adinako eskubidea dauka kanpaina egiteko. Eibar kanpainan dago, Lagun Onak ere bai, Oiartzun ere bai... Guztiak daude kanpainan, eta baita federazioa bera ere. Etikaz kanpokoa da horregatik Reala kritikatzea.
Bidezkoa litzateke Adrian Merinok hauteskundeak irabaztea, bizpahiru egun geroago dimisioa aurkeztea eta Jose Luis Colina izendatzea presidente?
Lege iruzur bat litzateke hori, Gipuzkoako futbolarekiko erabateko errespetu falta. Litekeena da hori eginez gero zuzenean zentsura mozio bat aurkeztea, baina ez gara hasiko kontu horiei bueltaka, ziur bainago guk irabaziko dugula. Eta, hala ez balitz, Adrian Merinoren hautagaitzan bertan nahikoa argitasun daukan jendea egongo dela espero dut hauteskundeak eurek irabaziz gero Merino bera izendatzeko hurrengo hiru urte eta erdirako presidente.
Zein dira zuen hiruzpalau proposamen nagusiak?
Hamalau hilabete daramatzagu gure programa garatzen, Gipuzkoako 78 klubekin elkartuta eta euren ideiak bilduta. Formakuntza mailan, argi daukagu klub guztiek [EAEko] Kirolaren Legea bete beharra daukatela, nahiz eta lege horren aplikazioa hobetu daitekeen. Aldundiarekin hitz egingo dugu akordio bidez hiruzpalau xehetasun egokitzeko. Hainbat foro ere sortuko ditugu, klubak federazioarekiko gertuago senti daitezen; pare bat hilabetez behin bilerak egingo genituzke, horretarako arduradun bat jarrita, argi daukagulako kluben oniritziarekin hartu nahi ditugula erabaki guztiak. Aldaketarako dagoen beldurraz jabetuta, auditoria bat ere egingo dugu, federazioaren egoera ekonomikoa eta ondasuna zein den zehazteko eta gure bideari hutsetik ekiteko. Ez dugu nahi ezustekorik.
Klub «gehienen» babesa daukazuela aitortu duzue. Zenbatena? Eta nolako harrera egin dizuete klub horiek?
Oso harrera ona egin digute denek, eta aldaketa baten beharraz hitz egin digute gehienek. Nekatuta daude orain arteko jardunarekin, intoxikazio kanpainekin eta gainerakoekin; batasuna nahi dute. Modu desberdinean lan egiteko eskatu digute, klubekiko eta kirolariekiko gertukoak eta arduratsuak izateko.
Abenduaren 15a. Manu Diaz presidente. Zein lirateke lehenengo bizpahiru erabakiak?
Lehenik eta behin, abenduaren 16an, 17an eta 18an Gipuzkoako 78 klubetako ordezkariekin bilduko ginateke denboraldi honi nola aurre egingo diogun erabakitzeko. Hori da lehentasuna. Bigarrenik, bilera bat eskatuko genioke aldundiari, 2021eko ekainerako eskola kirolean eta formakuntzan hiru urterako akordio bat hitzartu dezagun. Eta, hirugarrenik, praktika onerako manifestu bat bidaliko genieke klub guztiei; filosofia beraren parte izan behar dugu denok.
Zer mezu bidali nahiko zenuke hauteskundeen atarian?
Klubetatik, pertsonetatik sortutako ekimena da gurea, eta denentzat lan egingo dugu. Berritzailea eta ilusio sortzailea da gure proposamena, eta batasuna nahi dugu. Inor ez dugu kanpoan utziko, gure aldekoa izan edo ez.
|
2020-12-11
|
https://www.berria.eus/albisteak/191018/kim-ki-duk-zinemagile-korearra-hil-da.htm
|
Kultura
|
Kim Ki-duk zinemagile korearra hil da
|
Azken hamarkadetako Asiako zinemaren egile nabarmenetakotzat joa, hainbatetan eskuratu zuen jaialdi entzutetsuenen aitortza. 59 urterekin zendu da, COVID-19aren ondorioz.
|
Kim Ki-duk zinemagile korearra hil da. Azken hamarkadetako Asiako zinemaren egile nabarmenetakotzat joa, hainbatetan eskuratu zuen jaialdi entzutetsuenen aitortza. 59 urterekin zendu da, COVID-19aren ondorioz.
|
Bere begiradagatik askok laudatua, eszena ilun eta bortitzengatik beste askok arbuiatua, kritikarentzat Asiako zinema garaikidearen ordezkari esanguratsuenetako bat izan da Kim Ki-duk. Veneziako Urrezko Lehoia, Berlingo Zilarrezko Hartza zein Cannesko Un Certain Regard sariak pilatu zituen bere ibilbidean, besteak beste, eta Donostiako Zinemaldiko publikoarentzat ere ezaguna zen haren obra. Joan den azarotik Letonian zen zuzendaria, eta Riga hiriburuko erietxe batean hil zen, atzo, COVID-19ak sortutako osasun arazoengatik. Haren familiak baieztatu du albistea. 59 urte zituen.
Bonghwan (Hego Korea) jaio zen Kim Ki-duk, 1960an, nekazari familia batean. 17 urterekin fabrika batean hasi zen lanean, 20rekin armadan izena eman zuen, eta bost urtera, armada utzi, eta margolaritzaren bideari ekin zion. Parisera jo zuen, eta kontatu izan zuenez, bertan zapaldu zuen lehen aldiz zinema areto bat. Sorterrira itzulita, lehen gidoiak idazten hasi zen, eta haiek une hartan pantailaratzera iritsi ez bazen ere, bere testuek jasotako sariek bide bat ireki zioten; horien ondotik lortu zuen bere lehen filma grabatzea, Ageo / Crocodile (1996). Ez ordura arte ez gerora, inoiz ez zuen zinemagintzari lotutako ikasketarik egin. «Filmak egiteko, bizitza bizitzea da garrantzitsuena. Niretzat eskolarik hoberena izan da», azaldu zuen elkarrizketa batean.
Yasaeng dongmul bohoguyeog/ Wild Animals eta Paran daemun / Birdcage Inn eman zituen ostean, bere lehen gidoi haiek oinarri zituztenak. Baina bere izena Seom / The Isle (1999) filmari esker hasi zen ezagunago egiten; Veneziako zinema jaialdiko lehian izan zen lan harekin, 2000. urtean. Indarkeria eszena gogorrengatik ere eman zuen zeresanik film hark. Hurrengo urtean, jaialdia zabaldu zuen Suchwiin bulmyeong / Address Unknown lanarekin.
Haien ondotik, Nabbeun namja / Bad Guy eta Haeanseon/ The Coast Guard ondu zituen 2002an, eta aurreko lanekin egin bezala, baita hainbat zinema jaialditan erakutsi ere. 2003an publikoaren arreta bereganatu zuen berriro, kritikak goraipatutako Bom yeoreum gaeul gyeoul geurigo bom / Spring, Summer, Fall, Winter... and Spring (2003) filmarekin.
Lan hari esker, Donostiako Zinemaldiaren publikoaren saria eskuratu zuen zinemagileak, 51. edizioko Zabaltegi-Perlak sailean aurkeztu ostean. Gerora, bitan izan zen Urrezko Maskorra eskuratzeko lehian: Bi-mong / Dream (2008) eta Amen (2011) lanekin, hain zuzen. Azken horren harira, Zinemaldiko egunkariari eskainitako elkarrizketa batean, adierazi zuen bere ordura arteko zinema ez zela «erabat zintzoa» izan: «Duela hamabost urte pelikulak egiten hasi nintzenean, zinemak atzean industria oso baten euskarria behar zuela sinistuta nengoen. Sistema horren barruan filmen finantzaketa ezinbestekoa denez, ikusleak oso kontuan behar dituzu izan; horrek esan nahi du nolabait ere lotuta nengoela, ezin nuela nire sormena erabat garatu eta berau adierazi, ez nintzela nire buruarekin zintzo jokatzen ari. Eta horretan ahalegindu naiz film honekin, sistema, ikusleak eta diru-iturriak bazter uzten».
Ordurako jasoak zituen bere ibilbideko sari nagusietako batzuk. Berlingo zinema jaialdian zuzendari onenaren Zilarrezko Hartza irabazi zuen Samaria (2004) filmarekin, eta aitortza bera egin zion urte hartan bertan Veneziako jaialdiak ere, zuzendari onenaren Zilarrezko Lehoia eman baitzion Bin-jip / Iron-3 (2004) lanagatik. Canneseko jaialdiaren Un Certain Regard saria ere eraman zuen urte batzuen buruan, Arirang (2011) pelikularekin. Eta hurrengo urtean, Veneziako Urrezko Lehoia eskuratu zuen, Pieta lanari esker; jaialdi horretan zinemagile korear batek inoiz lortutako aitortzarik garrantzitsuena izan zen.
Orain hiru urte, emakume aktore batek zuzendariaren aurka jarritako salaketa publiko egin zen. Moebius filmaren grabaketan, 2013an, Kim Ki-dukek jo egin zuela salatu zuen, baita sexu harremanak izateko jazarri ere. Antzezlea beste batek ordezkatu zuen azkenean filmean, eta zinemagilea kolpeengatik zigortu zuen epaitegi batek. Haren ondotik, beste hainbat andrek salatu zuten zuzendaria sexu abusuengatik, baina auzibideek ez zuten aurrera egin.
|
2020-12-11
|
https://www.berria.eus/albisteak/191019/langile-bat-hil-da-azpeitiko-zerrategi-batean.htm
|
Ekonomia
|
Langile bat hil da Azpeitiko zerrategi batean
|
Nuarbe auzoan dago lantegia. Larrialdi zerbitzuak lantegira joan badira ere, ezin izan dute suspertu behargina.
|
Langile bat hil da Azpeitiko zerrategi batean. Nuarbe auzoan dago lantegia. Larrialdi zerbitzuak lantegira joan badira ere, ezin izan dute suspertu behargina.
|
Langile bat hil da ostiral honetan Azpeitiko (Gipuzkoa) zerrategi batean izandako lan istripu batean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Nuarbe auzoko Errastiola zerrategian izan da ezbeharra, 15:30ean, Urola Kostako Hitza-ren arabera.
Segurtasun Sailak ez du informazio gehiagorik eman. Azaldu du langile bat zauritu dela eta, larrialdi zerbitzuak suspertzen saiatu diren arren, lantegian hil dela. Lan istriputzat jo dute, eta Osalanek hartu du zer gertatu den ikertzeko ardura.
Sindikatuen zenbaketaren arabera, aurten lan istripuan hildako 66. behargina da.
|
2020-12-11
|
https://www.berria.eus/albisteak/191020/ostalaritzak-ezingo-du-ireki-bihar-arabako-bizkaiko-eta-gipuzkoako-bederatzi-herritan.htm
|
Ekonomia
|
Ostalaritzak ezingo du ireki bihar Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako bederatzi herritan
|
5.000 biztanle azpiko lau herritan eragotzi du Jaurlaritzak tabernak eta jatetxeak zabaltzea. Nafarroako ostalariek Txibiteren dimisioa eskatu dute.
|
Ostalaritzak ezingo du ireki bihar Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako bederatzi herritan. 5.000 biztanle azpiko lau herritan eragotzi du Jaurlaritzak tabernak eta jatetxeak zabaltzea. Nafarroako ostalariek Txibiteren dimisioa eskatu dute.
|
Itxiera luze bati eguraldi makurra gehitu zaio orain, terrazak jokoz kanpo utzita, eta ez da giro ostalarien artean. Nafarroan, Maria Txibite presidenteak dimisioa ematea eskatu du Nafarroako Ostalaritza Elkarteko presidente Ana Beriainek: «Gastuei aurre egiteko ere ez gara gai izango». Abenduaren 17an zabaldu ahal izango dituzte lokalen barrualdeak, baina soilik gaitasunaren %30 baliatuta. Tokiaren erdia nahi zuten ostalariek, eta Beriainen ustez, «erokeria da» gobernuaren erabakia. «Ezin dugu horrela jarraitu; BPGaren %7 gara, eta 20.000 familia bizi gara sektoreari esker».
Txibiterena bakarrik ez, Santos Induarain Osasun kontseilariaren dimisioa ere eskatu dute Nafarroako ostalariek: «Lehenak izan ginen ixten eta azkenak izango da gara irekitzen. Nafarroa da muga gehien ipini diona ostalaritzari. Gobernua gu kriminalizatzen ari da, baina norena da gu itxita egon garen bitartean egon diren heriotzen ardura?».
Ostalaritza Enpresa Txikien elkarteko presidente Maria Angeles Rodriguezek ere abisu argia eman dio Txibiteren gobernuari: «Ez dugu ahaztuko tratu hau, nora eraman gaituen eta ekarri digun miseria gorria».
Ezingo dute denek ireki
Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren eskumeneko hiru lurraldeetan, bihar zabalduko dituzte tabernak eta jatetxeak, oro har, baina exekutiboak berak ezarritako arauen arabera, badira bost herri handi itxaron beharko dutenak, 100.000 biztanleko 500 COVID-19 kasuren muga gainditzen dutelako. Bi dira Bizkaian, Arrigorriaga eta Ermua; eta beste hiru Gipuzkoan, Arrasate, Ordizia eta Eibar. Horrez gain, Araban beste lau herritan eragotziko dute irekitzea, nahiz eta horiek 5.000 biztanletik beherakoak izan. Hauek dira: Aramaio, Iruña Oka, Erribera Beitia eta Zuia.
Hala, ostalaritza irekiko da bihar Euskal Herriko hiri eta herri askotan, baina taberna ugarik ez dute zabalduko arrazoi bat edo beste tarteko. Gasteizen, Aiztogile kaleko tabernariek, esaterako, ez irekitzea erabaki dute, «jende multzo handiak sor ez daitezen» larunbata izanik. Tabernari horiek eta beste hainbat SOS Ostalaritzak hiriburetan deitutako manifestazioetara joango dira.
Izan ere, ostalariek laguntza zuzen gehiago nahi dituzte, «erreskate plan oso bat» alegia. Cebek Bizkaiko patronalak esan du Jaurlaritzaren azken erabakiak «zertxobait» arinduko duela ostalarien egoera, «baina ez behar bezain beste». Dena den, Iñaki Garcinuño presidenteak onartu du tabernak «kutsatzeko eremuak» izan daitezkeela, eta bezeroan jarri du hori gerta ez dadin ardura.
|
2020-12-11
|
https://www.berria.eus/albisteak/191021/francisco-mujika-presoa-aske-geratu-da-ia-29-urteko-zigorra-beteta.htm
|
Politika
|
Francisco Mujika presoa aske geratu da, ia 29 urteko zigorra beteta
|
Zuerako espetxetik irten da. Bidarteko (Lapurdi) 1992ko operazioan atxilotu zuten.
|
Francisco Mujika presoa aske geratu da, ia 29 urteko zigorra beteta. Zuerako espetxetik irten da. Bidarteko (Lapurdi) 1992ko operazioan atxilotu zuten.
|
Francisco Mujika Garmendia Pakito Ordiziako (Gipuzkoa) presoa aske utzi dute gaur, zigorra beteta. Zueran zegoen preso (Aragoi, Espainia). 67 urte ditu, eta 28 urte eta bederatzi hilabete eman ditu kartzelan. 1992ko martxoan atxilotu zuten Bidarten (Lapurdi), Jose Luis Alvarez Txelis eta Joseba Arregi Fiti-rekin batera, ETAren orduko zuzendaritzaren aurka egindako polizia operazio batean.
Frantziako Estatuan bederatzi urte egin zituen preso, eta 2000an Espainiaratu zuten. 2003an, Auzitegi Nazionalak 2.354 urteko zigorra ezarri zion Zaragozako kuartelaren aurkako erasoa egitea egotzita. Azken hamar urteak Zuerako kartzelan eman ditu, lehen graduan. Mujika datorren urtean zen zigorra amaitzekoa, baina auzitara jo zuen, Fresnesko kartzelan behar baino hilabete batzuk egin zituelako, Espainiaratua izateko zain zegoenean. Auzitegi Nazionalak onartu egin du haren eskaria, eta gaur eman du amaitutzat zigorra.
Halere, haren kartzelaldia zehazterakoan, Espainiak ez zituen aintzat hartu Mujikaren Frantziako espetxe urteak. Europak 2008an zuzentarau bat onartu zuen, pertsona bati bi herrialdetan delitu berberarengatik ezarritako zigorra zehazterakoan, aintzat hartzeko Europako Batasuneko beste herrialde batean betetako kartzelaldia.
|
2020-12-12
|
https://www.berria.eus/albisteak/191022/ez-dakigu-noiz-beteko-duten-zigor-nahikoa.htm
|
Mundua
|
«Ez dakigu noiz beteko duten zigor nahikoa»
|
Kataluniako buruzagi independentista espetxeratuek graduz aldatzeko baldintzak betetzen dituztela adierazi du abokatuak. Amnistiarik ezean, sedizio delituaren erreforma da konponbiderik azkarrena, haren ustez.
|
«Ez dakigu noiz beteko duten zigor nahikoa». Kataluniako buruzagi independentista espetxeratuek graduz aldatzeko baldintzak betetzen dituztela adierazi du abokatuak. Amnistiarik ezean, sedizio delituaren erreforma da konponbiderik azkarrena, haren ustez.
|
Espainiako Auzitegi Gorenak kartzela erregimena malgutzeko aurrerapauso guztiak indargabetu zizkien Kataluniako bederatzi buruzagi independentista espetxeratuei, joan den ostiralean. Ebatzi zuenez, neurri «goiztiarregia» da presoei hirugarren gradua aitortzea edota Zigor Kodearen 100.2. artikuluan jasotzen diren baimenak ematea —hirugarren graduko abantaila batzuk bigarren graduarekin uztartzeko aukera ematen du—. Presoek «mendeku gosez» jokatzea leporatu zioten auzitegiari. Erabaki «guztiz bidegabea» dela salatu du Olga Arderiuk (Berga, Herrialde Katalanak, 1975) Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente ohi espetxeratuaren abokatuak.
Nola jaso du Carme Forcadellek espetxera bigarren graduan itzuli beharra?
Gaizki. Auzitegi Gorenak aurretik hartu dituen erabakiengatik, espero zitekeen erabakia zen, nahiz eta erabat bidegabea dela pentsatzen dugun. Beraz, oso gaizki hartu du. Carmeren eta Dolors [Bassaren] kasuan, gainera, joan den ostiralera arte egon dira kartzelatik irteten, eta, beraz, haientzat eta senideentzat oso gogorra izan da.
Pandemia dela eta baldintza are gogorragoak dituzte, ezta?
Bai. Ezin ditzakete aurrez aurreko bisitak jaso, bisita guztiak kristalarekin dira, eta denbora laburrez. Espetxean egotea beti da gogorra, baina senideekin kontaktua murriztuta askoz ere latzagoa da. Bestalde, kirol jarduera guztiak eta taldeetan egiten direnak bertan behera gelditu direnez, beren ziegetan ematen dute egun osoa.
Zer iruditzen zaizkizu Gorenaren argudioak?
Eman duen argudio bakarra da neurria goiztiarregia dela. Carmeren kasuan, esaterako, ez duela zigorraren laurden bat ere bete. Urtarrilaren 28an beteko du. Auzitegiaren iritziz, zigor luzeak direnez, oraindik ez zaie hirugarren gradua ezarri behar. Baina zehatz-mehatz aztertu behar dira preso bakoitzari buruz egin diren txosten guztiak, eta, bereziki, gizarteratzeari buruz esaten dena, hori baita garrantzitsuena.
Auzitegiak adierazi du ez direla egotzi zaizkien delituekin lotutako tratamendu programa bat egiten ari.
Gorenak dio ez dagoela tratamendu programa bereizirik sedizio delituarentzako, eta hori hala da, baina tratamendu programa bat betetzen ari dira bakoitzaren egoerari lotutakoa. Beste delitu asko daude tratamendu programa bereizi bat ez dutenak, baina graduz aldatzeko eskubidea dute.
Gainera, oso zaila da irudikatzea zein izango litzatekeen sedizioarentzako tratamendu programa berezi bat. Auzitegi Gorenak behin eta berriz adierazi du ez direla beren ideologiarengatik zigortuak izan, independentistak izateagatik, baina, azkenean, gertakariekin lotutako programa bereizi batek eskatuko luke haiek beste era batera pentsatzea. Finean, Katalunian erreferendum bat egitea ahalbidetu zuten. Carmeren kasuan, parlamentuko presidente gisa zegozkion eginkizunak bete zituen. Zer tratamendu egin dezake berak? Oso zaila da irudikatzea zein egin behar duten hirugarren gradua eskuratu ahal izateko.
Auzitegiak esan bezala, salbuespenezkoa al da zigorraren laurden bat bete ez duenari hirugarren gradua aitortzea?
Preso askori aitortzen zaie. Baloratzen dena presoei buruzko txostenak dira, tratamendu batzordeak proposatzen duena. Kontuan izan behar dugu tratamendu batzorde guztiek aztertu dutela gaia, eta espetxe zaintzako epaileek ere bat egin dutela. Auzitegi Gorena da bakarra oraingoz hirugarren gradua ez zaiela ezarri behar uste duena. Espetxe zaintzako epaileek sarritan aitortzen diete hirugarren gradua presoei, era inpartzialean, presoen gizarteratzea errazten duten baldintzak bete direla uste badute.
Nik uste dut une egokia dela eztabaidatzeko ea zigorra ezartzen duen organoak hartu behar dituen espetxe erregimenari dagozkion erabakiak. Instrukzioa egiten duen epaileari epaitzen uzten ez zaion modu berean, instrukzioan auziarekin kontaktu handia izan duelako eta litekeena delako inpartziala izateari uztea, nik uste dut gauza bera gertatzen ari zaigula alor honetan ere. Gorena denez sententzia ezarri duena, hura azken muturreraino betetzea nahi du, baina orain beste irizpide batzuk dira baloratu beharrekoak, konstituzioak jasotzen duen gizarteratzearekin lotutakoak. Horretarako, profesionalek esaten dutena hartu behar da aintzat. Profesionalek edo kasutik hurbilen daudenek graduz aldatu behar dutela uste badute, horretarako aukera izan behar da, zigorra luzeagoa ala laburragoa izan.
Gorenak kontrako norabidean eman ditu urratsak.
[Zigor Kodearen] 100.2. artikuluari dagokionez, ez dakit estatuko beste toki batzuetan nola den, baina Katalunian orain arte beti izan dira probintzia auzitegiak haren ezarpenari jarritako helegiteen gainean ebatzi dutenak. Beraz, mundu guztiak ziurtzat jo zuen auzitegi horiek erabakiko zutela 100.2. artikuluaren ezarpenari buruz. Gorenak adierazi du berea dela horren gainean erabakitzeko eskumena.
Erabaki horiek zaildu egiten dute graduz aldatzeko aukera?
Bai. Zain egon behar dugulako, ea Gorenak noiz utziko dion hirugarren gradua ezartzeko erabakia goiztiarregia dela. Ezin izango dute aurrera egin haiek espetxe zigor nahikoa bete duela iritzi arte.
Gorenak dio espetxe zaintzako epaileek zigor epaia berrinterpretatu dutela.
Ez dute epaia berrinterpretatu. Presoak ez daude aske. Espetxean lo egiten jarraitzen dute. Beren tratamendu programa betetzen ari dira.
Gorenak «mendeku gosez» jokatu duela salatu dute presoek.
Ez dakigu zenbat urteko espetxealdia betetzera behartuko dituzten. Graduz aurrera egiteko baldintza guztiak betetzen dituzte, baina ezin dute gainerako presoek bezala bide hori egin. Ez dakigu noiz beteko duten zigor nahikoa, auzitegiaren iritzirako.
Badirudi kartzelatik epe motzean irteteko bide bakarrak amnistia, indultuak ala sedizio delituaren erreforma direla. Zein da egingarriena?
Maila politikoan, ez dakit zer gerta daitekeen, zertarako borondatea izango den, baina egokiena amnistia izango litzateke, irtenbide kolektiboa litzatekeelako. Baina ez dakit horretarako adostasun nahikoa izango den. Bestela, sedizio delituaren erreforma izango litzateke irtenbide azkarrena, nahiz eta hilabeteetan luzatu daitekeen. Sedizio delitua kenduko balitzateke edo zigorrak modu argian murriztuko balira, orduan, bai, ez legoke arazorik. Aldiz, tipoaren elementuen erreforma bat izango balitz, ikusi egin beharko da zein aldaketa egiten diren eta presoei eragingo liekeen ala ez. Adibidez, armen erabilera ezinbestekoa balitz sedizio deliturako, orduan, bai, eragingo lieke. Haiek ez dituztenez armak erabili, ezarri zaien zigorra ezerezean geldituko litzateke.
Edozein moduz, sedizio delitua erreformatu beharra dago, agerikoa baita beste herrialde askok ez dutela halakorik eta zigorrak guztiz neurrigabeak direla. Gainera, delitua horren da abstraktua eta zabala egoera askotara hedatu daitekeela, etxegabetzeetara adibidez, eta zigor oso handiak ezarri inolaz ere halakorik merezi ez duten jokaerengatik. Manifestazio eta bilkura eskubideekin egiten du talka, zuzenean. Oinarrizko eskubideekiko mugak zehaztea oso garrantzitsua da.
|
2020-12-11
|
https://www.berria.eus/albisteak/191023/olbek-bideraezina-ikusi-du-uneotan-samson-et-dalila-opera-taularatzea.htm
|
Kultura
|
OLBEk «bideraezina» ikusi du uneotan ‘Samson et Dalila’ opera taularatzea
|
Urtarrilaren 23an zen Camille Saint-Saensen obra estreinatzekoa Operaren Lagunen Bilboko Elkartea, Euskalduna jauregian. Baina osasun krisia dela-eta indarrean diren neurriengatik, ezinezkotzat jo du.
|
OLBEk «bideraezina» ikusi du uneotan ‘Samson et Dalila’ opera taularatzea. Urtarrilaren 23an zen Camille Saint-Saensen obra estreinatzekoa Operaren Lagunen Bilboko Elkartea, Euskalduna jauregian. Baina osasun krisia dela-eta indarrean diren neurriengatik, ezinezkotzat jo du.
|
«Egungo egoeragatik COVID-19aren pandemia kontrolatzeko osasun agintariek hartu behar izan dituzten neurriak direla eta, OLBEk bideraezina ikusten du Camille Saint-Saensen Samson et Dalila opera ematea, urtarrilaren 23, 26 eta 29rako eta otsailaren 1erako aurreikusia zegoena, lehen mailako artisten parte hartzearekin». Hala jakinarazi du Operaren Lagunen Bilboko Elkarteak, ohar baten bidez. Azaldu duenez, aretoaren edukiera 400 ikus-entzulera mugatzeak, eta mugikortasunean zein ordutegietan ezarritako murrizketek «uneotan ezinezko» egiten dute bazkideak nahiz publiko orokorra emanaldietara joan ahal izatea. Halaber, elkarteak adierazi du ekoizpena prestatzeko nahiz entseguak hil honen bukaeran hasteko ezintasunek eraman dutela uneotan erabaki hori hartu behar izatera.
Bestalde, OLBEren ustez, «Euskaldunarekin eta Opera XXI Elkartearekin lankidetzan hartutako neurriek, posible egingo lukete edukiera handitzea, osasunerako segurtasun neurri guztiak betez». Elkartearen iritzian, antzokiak erakusten ari dira gune seguruak direla, eta gainera, Euskalduna jauregiaren dimentsioak aintzat hartuta —«beste espazio batzuekin alderatu ezin direnak»—, iruditzen zaio ez litzaizkiokeela edukiera muga berberak aplikatu behar. Kultura gizarte justuago eta libreago bat lortzeko funtsezko tresna dela sinetsita dago elkartea, eta horregatik, Bilbok operaren arloan nazioarteko erreferente izaten jarrai dezan lanean segituko duela gaineratu du oharrean.
|
2020-12-11
|
https://www.berria.eus/albisteak/191024/bolada-txarra-eten-ezinda.htm
|
Kirola
|
Bolada txarra eten ezinda
|
Osasunak seigarren partida kateatu du garaipenik lortu gabe, eta are gehiago korapilatu zaio egoera.
|
Bolada txarra eten ezinda. Osasunak seigarren partida kateatu du garaipenik lortu gabe, eta are gehiago korapilatu zaio egoera.
|
Urriaren 24ean lortu zuen azken garaipena ligan Osasuna, Athletici Sadarri irabazi zionetik. Baina azken hilabete erdian emaitza bolada txarrean murgilduta dago. Sei neurketa daramatza hiru puntuak poltsikoratu gabe, eta horrek sailkapenaren zuloan sartu du. Oraingoan ere ezin izan du garaipena lortu, Valladolid aurkari zuzenaren zelaian. 3-2 galdu du.
Gaizki hasi da neurketa nafarrentzat, 7. minutuan Weissmanen gol batek etxeko taldea aurreratu baitu. Baina Osasuna pixkanaka pixkanaka partidan sartu da, eta gauza handirik egin gabe, Valladolid baino hobeto aritu da hurrengo minutuetan. Sergio Gonzalezen taldeak golen bat jaso du jokatutako partida guztietan, eta Osasunaren aurkakoa ez da salbuespena izan. Izan ere, Budimirrrek buruz (27. min,) eta Roberto Torresek (43. min.) egindako golei esker, Jagoba Arrasateren taldeak neurketa iraultzea lortu du atsedenaldia baino lehen. Hirugarrena sartzear ere egon da, baina Masipek gelditu ona egin dio Calleriri.
Zailean egina zuen Osasunak. Gainera, bigarren zati hasiera ere ona egin du. Baina 55. minutuan penaltia egin dio Sergio Herrera atezainak Joaquini, buruz erremate bat egitera zihoala. Orellanak ez du huts egin. Hurrengo minutuak nahiko parekatuak izan dira. Apenas egon da aukerarik. Baina pixkanaka nagusitzen joan da Valladolid, eta 75. minutuan gola egin du berriro ere Weissmanek, Herviasen erdiraketa bat buruz errematatuz.
Azken txanpan osasunak aukera izan du gutxienez berdinketa eskuratzeko, eta etxera puntu batekin bueltatzeko. Baina Callerik ez du asmatu. 3-2 amaitu da partida, eta zalantzak eta kezka areagotu egin dira Osasunaren inguruan. Jagoba Arrasate entrenatzailea iritsi zenetik, une zailena bizitzen ari da taldea.
|
Subsets and Splits
No community queries yet
The top public SQL queries from the community will appear here once available.