date
stringdate
2012-09-20 00:00:00
2023-12-01 00:00:00
url
stringlengths
47
182
category
stringclasses
10 values
title
stringlengths
3
140
subtitle
stringlengths
0
1.17k
summary
stringlengths
5
1.18k
text
stringlengths
2
35.8k
2020-12-1
https://www.berria.eus/albisteak/190540/2021ean-235-milioi-lagunek-beharko-dute-giza-laguntza.htm
Mundua
2021ean 235 milioi lagunek beharko dute giza laguntza
NBEk 29.200 milioi euro eskatu ditu 56 herrialderi laguntzeko, aurten baino %20 gehiago. Siriara eta Ekialde Hurbileko errefuxiatuen guneetara bideratuko dute diru horren zatirik handiena.
2021ean 235 milioi lagunek beharko dute giza laguntza. NBEk 29.200 milioi euro eskatu ditu 56 herrialderi laguntzeko, aurten baino %20 gehiago. Siriara eta Ekialde Hurbileko errefuxiatuen guneetara bideratuko dute diru horren zatirik handiena.
Datorren urtean %40 gehiago izango dira nazioarteko laguntza beharko duten pertsonak aurtengo datuekin alderatuta, eta arrazoia COVID-19ak eragindako osasun krisian bilatu behar da. Izan ere, pandemiak sortutako arazoak gehitu zaizkie gatazka, gosete eta krisi ekonomikoei. «Aukeratu egin behar dugu: 2021a atzeraldi handiaren urtea izatea, 40 urtez aurrerapausoak egin ostean, edo elkarrekin lan egitea pandemiari aurre egiteko», adierazi du Mark Lowcockek, NBE Nazio Batuen Erakundeko giza laguntzarako arduradunak. Orotara 235 milioi lagunek beharko dute laguntza, baina horietatik 160 milioira helduko litzateke OCHA Giza Laguntza Kudeatzeko Nazio Batuen Bulegoa eskatutako diru kopurua eskuratuz gero. Baina, kontuan izanik nazioartearen diru ekarpenak ez direla heldu inoiz eskatutakora, ziurrenik datorren urterako ezarritako helburuak murriztu beharko ditu NBEk berak ere. Iaz, esaterako, eskatutakoaren erdia baino gutxiago eskuratu zuen NBEk, nahiz eta estatuek inoizko kopururik handiena eman: 14.000 milioi euro. NBEko idazkari nagusi Antonio Guterresek aitortu du egoera ez dela ona mundu mailan, pandemiak eragindako krisi ekonomikoa dela eta, baina elkarlanerako deia egin die agintariei, eta gogorarazi herrialde aberatsen egoera txarra bada garapen bidean daudenena okerragoa dela: «Herrialde aberatsenek zortzi bilioi euro bideratu dituzte pandemiak eragindako krisi ekonomikoari aurre egitera, eta orain ari dira argi apur bat ikusten; herrialde pobreetan ez da halako inbertsiorik egin». Beste behin, Siria eta hango gatazkatik ihes egindako hogei milioi herritarrak izango dira laguntzen zatirik handiena jasoko dutenak. Orotara 8.000 milioi euro eskatuko ditu NBEk herrialde hartan proiektu humanitarioak garatzeko. Yemenen laguntza behar duten 19 milioi herritarrentzat, berriz, 2.800 milioi euro eskatuko dituzte. Horiei gehitu behar zaizkie azken hilabeteetan berpiztu diren gatazkek eragindako giza krisiak: Armenia eta Azerbaijanen artekoa, Mendebaldeko Saharakoa eta Etiopia iparraldeko Tigray eskualdean piztutakoa. Baina, gatazkek ez ezik, klima aldaketak eta osasun krisiak berak ere jende asko utzi dute kale gorrian. Lowcocken esanetan, klima aldaketak ondorio larrienak eragin dituen hamar herrialdeetatik zortzitan lehendik ere giza krisi larriak zituzten. Bestetik, pandemiak arazoak eragin ditu lehen mailako osasun arretan, eta aurrez kontrolpean zeuden gaitzak berriz zabaltzea eragin du. Bost urtetik beherako bost milioi haurrek egin behar diote aurre malariak eta beherakoek eragindako osasun arazoei, eta COVID-19ak bertan behera utz ditzake hiesaren eta tuberkulosiaren aurka azken hogei urteotan egindako aurrerapausoak, bi gaitz horiek eragindako heriotzak bikoiztuz. «Tokian tokiko arazoak mundu mailako bilaka daitezke neurriak hartu ezean; ikusi dugu zer gertatu den koronabirusarekin. Baina egoera benetan kezkagarria da. Beharrak asetzeko eskatutako diruaren eta nazioarteak ematen duenaren arteko tartea gero eta handiagoa da. Krisiaren neurrira egokitzen den erantzun bat behar dugu», nabarmendu du Lowcockek.
2020-12-1
https://www.berria.eus/albisteak/190541/bilboko-zamaketariek-greba-bertan-behera-uztea-onartu-dute-lan-ministerioaren-bide-orria-errazteko.htm
Ekonomia
Bilboko zamaketariek greba bertan behera uztea onartu dute Lan Ministerioaren bide orria errazteko
Bilbo Estiba zamaketa enpresak negoziazio bideari baiezkoa eman bezain laster utziko dituzte lanuzteak. Erantzuna ezezkoa bada, protestaldiarekin jarraitzeko prest daude.
Bilboko zamaketariek greba bertan behera uztea onartu dute Lan Ministerioaren bide orria errazteko. Bilbo Estiba zamaketa enpresak negoziazio bideari baiezkoa eman bezain laster utziko dituzte lanuzteak. Erantzuna ezezkoa bada, protestaldiarekin jarraitzeko prest daude.
Bilboko zamaketariek aho batez erabaki dute Espainiako Lan Ministerioak portuko lan gatazka konpontzeko bide orria babestea. Horretarako, greba bertan behera utzi beharra zeukaten, eta pauso hori ematea erabaki dute gaur eginiko bileran. Langile batzordeko sindikatu guztiek begi onez ikusi dute erabakia. Orain Bilbo Estiba zamaketa enpresak bateratzen dituen elkartearen erabakia falta da, eta, hark baiezkoa ematen badu, orduantxe bertan utziko dute greba zamaketariek. Egun indarrean duten deialdia abenduaren 9ra artekoa da. Bilboko zamaketariek negoziatzeko borondatea dute. Grebak 55 egun bete dituen honetan, Bilbo estibarekin esertzeko prest daude. Enpresak, baina, hiru aldiz esan du dagoeneko «arbitraje loteslea» dela konpontzeko modu bakarra. Espainiako Lan Ministerioa, baina, bete-betean sartu da auzian. Lehenbizi bitartekari izateko eskaini zuen bere burua, eta, Bilbo Estibak hari ezetz esan ondoren, beste pauso bat eman du negoziazio bide orri bat diseinatuz. Ministerioaren ustez, badago bi aldeen nahiak gogobetetzeko modua, legea urratu gabe. Bide orri horrek bilera egutegi bat zehazten du. Batzuk, langile eta enpresaren artekoak, eta beste batzuk, ministerioko ordezkariren batekin. Orain, Bilbo Estibaren erantzuna falta da. Grebaren kalte handiak aipatu ditu enpresak, eta ikusteko dago ministerioaren inplikazioan iritziz aldarazten dion. Ostegunera arteko epea du erantzuteko.
2020-12-1
https://www.berria.eus/albisteak/190542/banakakoaren-lehiaketa-sistema-bera-lau-eta-erdikoan.htm
Kirola
Banakakoaren lehiaketa sistema bera lau eta erdikoan
Larunbatean hasiko da Lau eta Erdiko Txapelketa, eta abenduaren 27an jokatuko da finala, Bilbon.
Banakakoaren lehiaketa sistema bera lau eta erdikoan. Larunbatean hasiko da Lau eta Erdiko Txapelketa, eta abenduaren 27an jokatuko da finala, Bilbon.
Koronabirusaren pandemiak lehenbizi eta Baiko enpresako pilotarien lan gatazkak ondoren hankaz gora jarri zuten esku pilota profesionalaren egutegi osoa. Enpresen Liga saiatzen ari da nola edo hala txapelketa guztiak joka daitezen, apurka-apurka jardun nagusia ohiko datetara buelta dadin. Halaxe egin zuen binakakoarekin lehenbizi —ostiral honetan jokatuko da finalerdia, eta datorren asteartean finala—, eta banakakoarekin gero. Eta halaxe egingo du orain lau eta erdikoarekin. Larunbat honetan hasiko da, eta amaitu berri den banakakoaren lehiaketa sistema bera izango du: hurrengo lau asteburuetan jokatuko da, eta hilaren 27an izango da finala, Bilbon. Lau eta erdiko Txapelketaren historian bigarren aldiz, kanporaketak izango dira partida guztiak, hau da, kale edo balekoak. 2001ean, txapelketaren lehen ekitaldian besterik ez zen jokatu sistema horrekin. Ordutik, beti jokatu izan zen ligaxkaren bat: hasieran, finalerdietan, eta azken urteetan, final-laurdenetan. Baina ez dago astia galtzerik, ez osasun egoeragatik, ezta denboragatik ere. Izan ere, Enpresen Ligaren asmoa da lau eta erdikoa amaitu bezain laster hastea hurrengo banakakoa jokatzen. Banakakoaren sistema bera, eta parte hartzaile ia berberak. Hamabi pilotari ariko dira, enpresa bakoitzetik sei. Buruz burukoa jokatu duten hamabi pilotarietatik hamar lehiatuko dira lau eta erdikoan. Aldaketa bakarra dago enpresa bakoitzean: Aspen, Peio Etxeberria ariko da Dario Gomezen ordez; eta Baikon, Iñaki Artola Joanes Bakaikoaren partez. Larunbat honetan jokatuko dituzte final-zortzirenetako aurreneko bi partidak, Azkotian (Gipuzkoa), 17:45ean hasita. Artola eta Jon Ander Peña ariko dira lehenbizikoan, eta Danel Elezkano eta Iraitz Zubizarreta bigarrengoan. Artola eta Peña II.aren arteko irabazleak Joseba Ezkurdia izango du aurkari final-laurdenetan, bi aste barru. Elezkano II.aren eta Zubizarreta III.aren artekoak, berriz, Jokin Altunarekin neurtuko ditu indarrak. Igande honetan, berriz, final-zortzirenetako beste bi norgehiagokak jokatuko dituzte, Eibarren (Gipuzkoa), 17:00etan. Lehenengoan, Oinatz Bengoetxea eta Iker Irribarria ariko dira, eta bigarrengoan, Asier Agirre eta Peio Etxeberria. Bigarren neurketa hori, hala ere, binakakoaren finalerdietan gertatzen denaren mende dago. Hala, Agirrek eta Jon Ander Albisuk ostiral honetan Bilbon Ezkurdiari eta Julen Martijari irabazi eta finalerako sailkatuz gero, Agirrek datorren asteko ostegunean jokatuko luke lau eta erdiko lehia, hau da, finala jokatu eta bi egunera. Irribarriaren eta Bengoetxea VI.aren artekoaren irabazleak Mikel Urrutikoetxea izango du aurkari final-laurdenetan, eta Agirre eta Peio Etxeberriaren artekoak, Erik Jaka buruz buruko txapelduna. Finalerdiak hiru aste barru jokatuko lirateke, hilaren 19an eta 20ean. Artolak, Peña II.ak edo Ezkurdiak Agirre, Peio Etxeberria edo Jaka izango luke aurkari, eta Elezkano II.ak, Zubizarreta III.ak edo Altunak III.ak, Irribarria, Bengoetxea VI.a edo Urrutikoetxea.
2020-12-1
https://www.berria.eus/albisteak/190543/areciboko-irrati-teleskopioa-hondoratu-egin-da.htm
Gizartea
Areciboko irrati-teleskopioa hondoratu egin da
Besteak beste, estralurtarrak aurkitzeko lanean ibili da azken hamarkadotan. Azaroaren 19an apurtu egin zen egiturari eusten zion bigarren kablea, eta desmuntatu egingo zutela iragarri zuten. Baina berandu izan da.
Areciboko irrati-teleskopioa hondoratu egin da. Besteak beste, estralurtarrak aurkitzeko lanean ibili da azken hamarkadotan. Azaroaren 19an apurtu egin zen egiturari eusten zion bigarren kablea, eta desmuntatu egingo zutela iragarri zuten. Baina berandu izan da.
Areciboko (Puerto Rico) behategiko irrati-teleskopioaren 900 tonako plataforma hondoratu egin da gaur, han goiza zenean. Ikono bihurtu da 60 urteko egitura, espazioaren ezagutzan eginiko lanarengatik; besteak beste, estralurtarren bilaketan izan duen eginkizunarengatik. Irrati-teleskopioaren plataforma, diskoaren kontra amilduta. Dennis Vazquez «Lagunok, samin handiz jakinarazten dizuet Areciboko Behategiaren plataforma erori egin berri dela», idatzi du Twitterren Deborah Martorell meteorologoak, behategiko lankideak aipatuta. Zientzialariak zabalduriko argazkian, egitura zegoen tokia agertzen da, haren arrastorik gabe, hauts zantzuak airean. Egitura azpiko disko erraldoiaren gainera erori da. Egitura arazoak zituen plataformak. Abuztuan kable laguntzaile bat hautsi zen, eta 30 metroko zulo bat sortu zuen azpiko diskoan. Azaroaren 6an, hari eusten zion altzairuzko kableetako bat hautsi egin zen. Isasias ekaitz tropikalak Puerto Rico astindu ondoren zabaldu zuten berriz, baina ez zuten argitu fenomenoak eragina izan ote zuen ezbeharrean. Kalteak konpontzeko ahalegina egin zuten, baina ingeniariek ikusi zuten konponduta ere egitura kolokan egongo zela luzera begira. Horregatik, azaroaren 19an, teleskopioaren arduradunek iragarri zuten egitura desmuntatu egingo zutela, «erortzeko arriskua» zegoelako, Zientzien Fundazio Nazionaleko zuzendari Sethuraman Panchanathanek azaldu zuenez. Hau da hondoratu den egitura. Mario Roberto Duran Ortiz Puerto Ricoko iparraldean dago behategia, eta erreferentzia izan da mundu osoko zientzia komunitatearentzat. Izan ere,besteak beste, Lurraren inguruan orbitatzen duten asteroideen bila aritu dira teleskopio erraldoiari esker, planeta arriskuan jar baitezakete. Horrez gain, espazio urruneko objektuak, pulsarrak eta irrati uhinak aurkitu eta behatu dituzte hamarkada luzez. Adimen Estralurtarraren Bilaketa egitasmoaren tresna nagusietako bat izan da egitura. Esne Bidea galaxian zibilizazio baten zeinuen bila aritu dira han jasotako uhinak aztertuta. Hainbat filmetan agertu da, besteak beste GoldenEye (1995), Species (1995), eta Contact (1997), baita The X-Files telesailean ere.
2020-12-1
https://www.berria.eus/albisteak/190544/maider-arostegi-kooperantearekin-harremanetan-jarri-ezinik-dabiltza-azaroaren-3tik.htm
Gizartea
Maider Arostegi kooperantearekin harremanetan jarri ezinik dabiltza azaroaren 3tik
Wukron dago (Etiopia), lankidetza proiektu bat garatzen. Herrialdean gerra piztu da azken asteetan.
Maider Arostegi kooperantearekin harremanetan jarri ezinik dabiltza azaroaren 3tik. Wukron dago (Etiopia), lankidetza proiektu bat garatzen. Herrialdean gerra piztu da azken asteetan.
Maider Arostegi kooperantearen senitartekoek pentsatu nahi dute komunikazio arazo bat baino ez dela, baina ezin dute kezka ezkutatu; izan ere, joan den azaroaren 3tik ez dute gazte alegiarraren berririk izan. Abuztuan joan zen Arostegi Wukrora (Etiopia), urritasun psikikoak dituzten haurrei laguntzeko lankidetza programa batean aritzera urtebetez. Besteak beste, eskola bat eraiki behar zuten han. Maider Arostegiren neba Aritz Arostegik Euskadi Irratiari adierazi dionez, azaroaren 3an hitz egin zuten harekin azkenengo aldiz, telefonoz. Geroztik, gerra piztu da han, Etiopiako Gobernuak Tigray eskualdeari eraso egin diolako, eta komunikazioak zaildu egin dira; Wukro inguruan bonbardatzeak egon direla badakite. Aritz Arostegik adierazi duenez, bere arreba da han dauden atzerritarretatik espainiar nazionalitatea duen bakarra. Espainiako Atzerri Ministerioa lanean aritu da Europako beste herrialdeetako ministerioekin, Europako Batasuneko herritar guztiak Etiopiatik batera ateratzeko asmoz: «Hiru aste badira horretan ari direla, eta oraindik ez dute ezer egin», esan du. «Pentsatu nahi dugu ondo dagoela, komunikatu ezinean dagoela soilik».
2020-12-1
https://www.berria.eus/albisteak/190545/andoni-aldekoak-iragarri-du-eitb-gogora-institutuarekin-elkarlanean-arituko-dela.htm
Bizigiro
Andoni Aldekoak iragarri du EITB Gogora institutuarekin elkarlanean arituko dela
Azaldu du EITB Mediako sozietate guztiak batzea izango dela haren egitekoa lehen bi urteetan, Eusko Legebiltzarrean. «Lan hitzarmen bakarra nahi dugu», esan du.
Andoni Aldekoak iragarri du EITB Gogora institutuarekin elkarlanean arituko dela. Azaldu du EITB Mediako sozietate guztiak batzea izango dela haren egitekoa lehen bi urteetan, Eusko Legebiltzarrean. «Lan hitzarmen bakarra nahi dugu», esan du.
Datozen urteei begira zein asmo orokor izango dituen iragarri du gaur EITBko zuzendari nagusi Andoni Aldekoak, Eusko Legebiltzarreko kontrol batzordean, izendatua izan osteko lehen agerraldian. Azalpenak euskaraz eta gaztelaniaz eman ditu EITBko zuzendari nagusi berriak; euskaraz erantzun duenean, nahiko trakets, makina bat akats eginda. Informazioarekin lotutako edukiak eta Interneteko eskaintza indartu nahi dituela nabarmendu du, eta lehen «helburu pertsonal» gisa jo du EITBko sozietateak batzea. Prozesu hori hasia dago dagoeneko —iazko abenduan iragarri zuen bat egitea Maite Iturbe aurreko zuzendari nagusiak—. Hain zuzen ere, Iturbe Miramongo ekoizpen zentroko (Donostia) arduradun nagusia izango da aurrerantzean; aurreko arduradunak, Xabier Arizkorretak, erretiroa hartu du. Eskaintza digitalaren barnean, Aldekoak iragarri du gailu eramangarrietarako bi aplikazio sortuko dituztela laster: EITB Albisteak eta EITB Nahieran. «Komunitate digitala sortu behar dugu». Bestalde, irratietan eta telebistetan, kanalen «pertsonalizazioan» sakonduko duela azaldu du EITBko zuzendari nagusi berriak. «Euskararen aldeko apustua» egingo duela nabarmendu du. «Belaunaldi desberdinentzat euskara erakargarri egin behar da, eta esperientzia egokia eskaini». Gazteen kontsumo joera berrietara egokitzea funtsezkotzat jo du, halaber, Aldekoak. Zerbitzu publikoaren aldeko aldarria behin baino gehiagotan egin du EITBko arduradun berriak. «EITBko hedabideek erantzukizun kolektiboa erakutsi behar dute. Horren beharra ageria geratu da COVID-19aren pandemiarekin». Bestalde, EITBk «elkarbizitzaren» aldeko apustuarekin jarraitu behar duela azaldu zuen. «Horretarako, EITBk Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuarekin elkarlana sakonduko du. Elkarren arteko ikus-entzunezko memoria proiektu batean egingo dugu lan». Talde publikoaren gizarte erantzukizunean ere arreta jarri zuen Aldekoak. «Horren garapenean lagundu nahi dut. EITBren oinarrietan sinesten dut: neutraltasunean eta independentzian». Sozietateen bat egiteak EITB Media bateratua ekarriko du. Talde osoarentzat politika korporatibo berbera martxan jarri nahi du datozen bi urteetan, baita zerbitzu politika bera ere. «Enpresarik ez badago, ez dago etorkizunik», gaineratu du. Era berean, azaldu du EITB Media talde osorako lan hitzarmen bakarra nahi duela, «gaur egun desberdinak daudelako hedabide bakoitzean». Enpresa orokor bakarra egoteak, dena den, ez du ekarriko espezializazioak desagertzea. «Mantendu egingo ditugu irratiko taldeak, telebistakoak eta Internetekoak. Espezializazio tekniko eta profesionala egon behar dira, eta espezializazio bertikalak garrantzitsuak dira». Datozen asteetan, EITBko zuzendaritza taldea osatuko duten profesionalen izenak jakinaraziko dituzte. Estrategia eta komunikazio zuzendari berria izango du taldeak, Andoni Aranburuk erretiroa hartu baitu. Aldekoak aipatu du «etxeko» profesionaletan sinesten duela. «EITBko langileekin lan egiteko asmoa daukat», gaineratu zuen. Edonola ere, aldaketak egongo dira zenbait ardura postuetan.
2020-12-1
https://www.berria.eus/albisteak/190546/gasteizko-eguzkik-eta-elkarrekin-gasteizek-udalari-eskatu-diote-ez-emateko-baimenik-gasa-ustiatzeko.htm
Gizartea
Gasteizko Eguzkik eta Elkarrekin Gasteizek udalari eskatu diote ez emateko baimenik gasa ustiatzeko
Baimenak ez emateko eskatu dute, eta diru publikoa «xahutzeari» uzteko eta energia berriztagarrietan inbertitzeko. Ana Oregi zinegotziak erantzun du Jaurlaritzak berretsi egin diola gasa badagoen aztertzeko lanek aurrera segituko dutela
Gasteizko Eguzkik eta Elkarrekin Gasteizek udalari eskatu diote ez emateko baimenik gasa ustiatzeko. Baimenak ez emateko eskatu dute, eta diru publikoa «xahutzeari» uzteko eta energia berriztagarrietan inbertitzeko. Ana Oregi zinegotziak erantzun du Jaurlaritzak berretsi egin diola gasa badagoen aztertzeko lanek aurrera segituko dutela
Ana Oregi Gasteizko zinegotziak baieztatu du Armentian gasa ustia daitekeen aztertzen segituko dutela, Jaurlaritzak hala baieztatu baitio. Elkarrekin-Gasteiz taldearen izenean egin dio galdera Oskar Fernandezek Oregiri. Oregik zehaztu dio baimenak ez duela jasotzen gasa ustiatzea, baizik eta aztertzea ea gasa badagoen, eta udalaren eskuduntza baimena ematea dela, baina estrategia energetikoa ez duela udalak definitzen, Jaurlaritzak baizik. Fernandezek gaitzetsi egin du «diru publikoa erregai fosil eta zaharkituetan xahutzea, Espainiak eta Europak beste norabide batean dihardutenean». Salatu du frackinga datorren trantsizio energetikoaren kontrako norabidean doala, eta putzuak badauden aztertzeko diru publikoko 463.000 euro gastatu direla. Gasteizko Eguzkik ere eskatu dio udalari baimenik ez emateko. Eguzkik gogorarazi du lurzoru emankorreko hektareak okupatu eta kutsatuko lituzketela eta balio handiko akuiferoak eragingo lituzketela ehunka putzu zulatu gabe, aldundiko teknikariek ziurtatu zutenez. Hori bereziki Gasteizko Mendietako Parke Naturalaren proiektuaren eremuaren barruan dagoela azpimarratu dute. Bestetik, Shesa enpresa publikoa desegiteko eskatu du, diru publikoa aurrezten hasteko bide gisa. Horrenbestez, Gasteizko Udalari eskatu dio «blindatzeko», eta atzera botatzeko ustiaketa horretarako eskatzen diren baimenak. Eguzkik Gasteizko Udalari eta Eusko Jaurlaritzari eskatu die ez dezatela zundaketa edo ondorengo putzu edo erauzketarik egin, Armentia 2 zundaketan fracking edo gas konbentzionalaren aurkako herritarren borondatea errespetatuz.
2020-12-1
https://www.berria.eus/albisteak/190548/etxegabetzeak-eteteko-zuzenketa-bateratua-kendu-dute-eh-bilduk-erck-eta-up-unidas-podemosek.htm
Politika
Etxegabetzeak eteteko zuzenketa bateratua kendu dute EH Bilduk, ERCk eta UP Unidas Podemosek
Bi indar subiranistek argudiatu dute erabakia hartu dutela auzia bideratzeko lege dekretu bat onartzekotan delako Espainiako Gobernua
Etxegabetzeak eteteko zuzenketa bateratua kendu dute EH Bilduk, ERCk eta UP Unidas Podemosek. Bi indar subiranistek argudiatu dute erabakia hartu dutela auzia bideratzeko lege dekretu bat onartzekotan delako Espainiako Gobernua
UP Unidas Podemosek, ERC Esquerra Republicanak eta EH Bilduk kendu egin dute gaur orain dela bi aste Espainiako 2021eko aurrekontuei jarritako zuzenketa partzial bateratua, etxegabetzeak 2022ra arte eteteari buruzkoa. Zuzenketa horrek PSOEeko buruzagiak haserretu zituen, baina, joan den ostegunean, zuzenketa erregistratu eta astebetera, Pablo Iglesias UPko lider eta Espainiako Gobernuko bigarren presidenteordeak jakinarazi zuen PSOEk eta UPk osatutako koalizio gobernuak auzia bideratzeko neurriak aurkeztuko zituela «hurrengo egunetan». Ministroen kontseilua lege dekretu bat onartzekoa da laster. «Espero dut bi aste baino gehiago ez pasatzea», adierazi zuen Iglesiasek. UPren iturriek Espainiako hedabideei adierazitakoaren arabera, dekretua Gabonak baino lehen sartuko da indarrean. Zuzenketa partzialaren alternatibak, ordea, bide luzeagoa egin beharko zuen, eta 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatu ahal izango zuten, azkarrenez. EH Bilduk eta ERCk zuzenketa kendu dutela baieztatu dute, ohar bateratu bat plazaratuta. Bi indar independentisten arabera, erabakia hartu dute «dekretu berriaren negoziazioa ez oztopatzeko, eta Unidas Podemosek jarrai dezala etxegabetzeen debekua barrutik negoziatzen». Uste dute «positiboa» dela gobernuak bere esku hartzea «etxegabetze guztien etetea». Iruditzen zaie, gainera, PSOEk haien «eskakizunak» onartu dituela, eta alde horretatik «zenbait konpromiso» hartzeko prest dagoela. Gogoratu dute, bide batez, auziari buruz bakarka aurkeztu zituzten zuzenketa partzialei eusten dietela, «gobernua Kongresutik estu hartzen» segitzeko. «Orain arteko emandako pausoak ez dira nahikoa». Kendu izan ez balute, atzo zen Kongresuan bozkatzekoa joan den astean aurrekontuen batzordean EAJk, PSOEk eta Ciudadanosek atzera botatako zuzenketa bateratua. Dekretuak zer jasoko duen Beste tokirik ez dutenen etxegabetzeak eta oinarrizko horniduraren —argia, ura eta gasa— eteteak debekatzea planteatzen zuten hiru indar politikoek zuzenketa bateratuan. COVID-19ak ekarritako krisi sanitario eta ekonomikoak eragindako etxegabetzeak 2021eko urtarrilaren 31 arte debekatzea erabaki zuen gobernuak pandemiaren hasieran, eta debekua luzatzea adostu zuten Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak eta Sanchezek. Ez dago argi negoziatzen ari diren dekretuak zer jasoko duen. «Dekretu honek ez du etxegabetze guztiak eteteko gaitasuna», ohartarazi zuen Iglesiasek lehengo astean.
2020-12-1
https://www.berria.eus/albisteak/190549/eurodiputatu-bat-harrapatu-dute-25-laguneko-orgia-batean-bruselan.htm
Mundua
Eurodiputatu bat harrapatu dute 25 laguneko orgia batean, Bruselan
Jozsef Szajer eurodiputatua Viktor Orban Hungariako lehen ministroaren alderdi kontserbadore nazionalistakoa da. Ostiral gauean izan zen festa pribatua, baina Polizia ere bertaratu zen. Szajerrek igandean aurkeztu zuen dimisioa, «nekeagatik», baina azkenean zer gertatu zen aitortu behar izan du.
Eurodiputatu bat harrapatu dute 25 laguneko orgia batean, Bruselan. Jozsef Szajer eurodiputatua Viktor Orban Hungariako lehen ministroaren alderdi kontserbadore nazionalistakoa da. Ostiral gauean izan zen festa pribatua, baina Polizia ere bertaratu zen. Szajerrek igandean aurkeztu zuen dimisioa, «nekeagatik», baina azkenean zer gertatu zen aitortu behar izan du.
Ustekabean azaldu zen Belgikako Polizia. Ostiral gaua zen, Brusela erdialdean, eta 25 lagun orgia bat egiten ari ziren festa pribatu batean, etxebizitza bateko lehen pisuan. Isunak jaso zituzten guztiek, COVID-19aren pandemiagatik ezarritako neurriak apurtzeagatik. Gizonezkoak ziren gehienak, tartean Europako Parlamentuko diputatu bat: Jozsef Szajer, Viktor Orban Hungariako lehen ministroaren alderdi kontserbadore nazionalistakoa. NHL komunikabidearen arabera, beste diplomazialari batzuk ere bazeuden festa hartan. Gertakaria argitara atera aurretik, igandean, dimisioa aurkeztu zuen Szajerrek, «nekatuta» zegoelako. Azkenean, ordea, gertatutakoa onartu behar izan du, eta ohar baten bidez aitortu du festa hartan zegoela eurodiputatu ohiak: «Poliziak identifikatzeko eskatu zidan, baina ez nuen agiririk gainean, eta europarlamentaria nintzela esan nien. Aurrera jarraitu zuten euren lanarekin, ahozko abisu bat eman zidaten, eta azkenean etxera eraman ninduten». Argi utzi nahi izan du ez zuela drogarik hartu. Poliziak jakinarazi zuen estasi pilulak aurkitu zituela pisuan: «Proba egiteko eskaini nintzen, baina ez zidaten egin. Ez dakit norenak ziren drogak, ezta nola eraman zituzten ere». Szajerrek bere ardura onartu du, eta COVID-19a dela-eta ezarritako neurriak apurtzeaz damutzen dela adierazi. «Ordaindu beharrekoa ordaintzeko prest nago, eta igandean emandako dimisioarekin hartu nituen hartu beharreko ardura politikoak». Igandean, ordea, ez zuen ezer esan festaren inguruan. Homosexualen aurkako politikaria Azkenik, barkamena eskatu die bere familiari, bere lagunei eta botoa eman ziotenei. Dena den, eskatu du ez ahazteko politikan eman dituen 30 urteetan zehar egindako ibilbidea akats batengatik, baita egin duen akatsa bere aberriarekin eta alderdiarekin ez lotzeko ere. Fidesz alderdi kontserbadore nazionalistaren sortzaileetako bat da Szajer, eta Hungariako Parlamentuko presidentea izan zen 1994 eta 2002 artean. 59 urte ditu. Bere aldarri politikoen artean, sexu bereko pertsonen arteko ezkontzen aurka egitea da nabarmenena, eta bikote homosexualei haurrak adopzioan hartzea debekatzearen aldekoa ere bada.
2020-12-2
https://www.berria.eus/albisteak/190572/erresuma-batuak-onespena-eman-dio-pfizerren-txertoari.htm
Gizartea
Erresuma Batuak onespena eman dio Pfizerren txertoari
COVID-19aren aurkako txerto bati baietza eman dion munduko lehen herrialdea da. 40 milioi dosi erosteko akordioa erdietsi dute Pfizerrek eta Londresek. Datorren astean hasiko dira txertaketekin.
Erresuma Batuak onespena eman dio Pfizerren txertoari. COVID-19aren aurkako txerto bati baietza eman dion munduko lehen herrialdea da. 40 milioi dosi erosteko akordioa erdietsi dute Pfizerrek eta Londresek. Datorren astean hasiko dira txertaketekin.
COVID-19ari aurre egiteko txerto bati onespena eman dion munduko lehen herrialdea bihurtu da Erresuma Batua. Gaur goizean jakinarazi dute AEBetako Pfizer enpresaren eta Alemaniako haren bazkide BioNteche-k garatutako txertoa ontzat jo duela MHRA Osasun Produktuen Erregulaziorako Agentziak. Hala, herritarrei txertoa jartzen hasiko da datorren astean, herrialdeko Osasun Ministerioaren arabera. «Laguntza bidean da», adierazi du Matt Hancock Osasun ministroak. Pfizerrek emaniko azken datuen arabera, txertoak %95eko eraginkortasuna du, eta emaitza onak eman ditu adin guztietako pertsonei eginiko probetan. Hala, «hilabetetako entsegu kliniko zorrotzen eta MHRAk eginiko datuen analisi sakonen ondorio da» gaurko albistea, Osasun Ministerioaren esanetan: «Txertoak segurtasun, kalitate eta eraginkortasun maila zorrotzak betetzen ditu». Datozen ordu edo egunetan JCVI Txertaketa eta Immunizaziorako Batzorde Bateratuak txertoa jasotzen lehenak izango diren taldeen berri ematea espero da. Halere, horiek osasun langileak eta adinekoak izatea espero da. Erresuma Batuak 40 milioi dosi erosteko akordioa egin du AEBetako enpresarekin. Atzo, EMA Europako Botiken Agentziak adierazi zuen eurak ere hasi direla txerto horri onespena emateko prozesuarekin. Halere, abenduaren 29rako espero dute onespena ematea. Zertxobait gehiago itxaron beharko da Europako Batasunean Modernaren txertoa erabili ahal izateko. Hura urtarrilaren 12rako onartzea espero baitute.
2020-12-2
https://www.berria.eus/albisteak/190573/altsasun-kamioi-baten-gainean-agerturiko-gorpuaren-afera-ikertzen-ari-dira.htm
Gizartea
Altsasun kamioi baten gainean agerturiko gorpuaren afera ikertzen ari dira
Kamioilariak esan duenez, «Frantzian» gidatzen ari zela «kolpe handi bat» sumatu zuen. Hildako gizonezkoa pasabide batetik erori ote zen aztertzen ari dira foruzainak.
Altsasun kamioi baten gainean agerturiko gorpuaren afera ikertzen ari dira. Kamioilariak esan duenez, «Frantzian» gidatzen ari zela «kolpe handi bat» sumatu zuen. Hildako gizonezkoa pasabide batetik erori ote zen aztertzen ari dira foruzainak.
Nafarroako Foru Polizia ikertzen ari da atzo Altsasuko gasolindegi batean geldituriko kamioi baten gainean topaturiko gorpuaren kasua. NA-1000 errepideko bigarren kilometroan dagoen gasolindegian gelditu zen kamioia, atzo goizaldean. Hainbat bertsioren arabera, atseden hartzeko geratu zen gidaria han; beste batzuen arabera, aurretik «Frantzian» gidatzen ari zela sumaturiko «kolpe handia» zerk eragin zuen aztertzera. Orduan ikusi zuen norbait zegoela kamioiaren gainean. Larrialdi zerbitzuei deitu zien kamioilariak, eta foruzainek gorpua jaso zuten, eta gidariaren adierazpena. Auzitegi Medikuntzako Nafarroako Institutura eraman zuten gorpua, eta azterketan ikusi zuten kolpe gogorra zuela garezurrean. Foruzainek adierazi dutenez, hipotesietako bat da gizonezkoa pasabide batetik erori zela kamioiaren gainera. Edonola ere, Frantziako Jendarmeriak hartuko du bere gain ikerketa. Kamioilariak bere bideari jarraitu zion.
2020-12-9
https://www.berria.eus/albisteak/190574/barabeltz-baratxuri-beltza-elikagai-preziatua.htm
albisteak
Barabeltz baratxuri beltza, elikagai preziatua
Barabeltz baratxuri beltza ederra da, oso gozoa, elikagai bikaina eta osasungarria.
Barabeltz baratxuri beltza, elikagai preziatua. Barabeltz baratxuri beltza ederra da, oso gozoa, elikagai bikaina eta osasungarria.
Barabeltz baratxuri beltzak testura biguna du, krematsua da. Usain eta kolore bizikoa, zapore leuna du. Elikagai osasungarria da, bikaina, nutrizio onura ugari ematen baititu. Erabat naturala da. Baratxuri freskoaren heltze eta hartzidura prozesu baten ondorioz lortzen da. Prozesua guztiz naturala da, kontserbatzailerik edo bestelako gehigarri kimikorik erabili gabe. «Baratxuri freskoa ganbera batean jartzen da, hezetasunarekin eta tenperatura jakin batean berrogei egunean; kolorea aldatuz joaten da, zaporea, testura, eta emaitza baratxuri beltza da; ez dauka zerikusirik baratxuri zuriarekin», Xabier Iñarrairaegiren hitzetan. Baratxuri beltzaren zaporeari umami deitzen diote japonieraz; zapore atsegina esan nahi du. «Bosgarren zaporea deitzen zaio». Izan ere, baratxuri beltzaren jatorria ekialdeko Asian dago, Koreako, Japoniako, Txinako eta Thailandiako sukaldaritzako osagai tradizional bat baita. Ez da mina eta ez du hatsik eragiten, hartzidura prozesuan hori eragiten duten substantziak desagertu egiten direlako. Gordinik jan daiteke, haragiaren eta arrainen ongailu gisa; kroketa, saltsa eta abarren osagarri gisa; edozein jaki, arroza, pasta, entsalada, garnizio eta abarren ongailu gisa; eta gozogintzan ere bai, pastel, tarta, txokolate eta abarren osagai gisa. Baratxuri beltza preziatua da, sukaldari ezagun ugarik erabiltzen dute. Besteak beste, Andoni Luis Aduriz, Ramon Roteta, Elena Arzak, Martin Berasategi, Ferran Adria, David Muñoz, Pepe Solla, Rodrigo de la Calle, Francis Paniego eta Mario Sandoval aipa daitezke. Etxeetan ere, gero eta gehiago kontsumitzen da. Onura ugari Baratxuri beltzak kolesterola eta triglizeridoak murrizten laguntzen du, arteria koronarioen efektu baso-zabaltzaile garrantzitsua da, eta antioxidatzaileen iturri oparoa. Halaber, estresaren, antsietatearen eta depresioaren kontra eraginkorra da. Kirolarientzat, errendimendu altuko atletentzat eta ikasleentzat energia emaile naturala da. Proteinatan joria da, eta ehunak leheneratzen eta sortzen laguntzen du. Horrela, kirolari ugarik hartzen dute, gordinik ere bai, Iñarrairaegik azpimarratu duenez: «Futbolariek, mendizaleek, atletismoan, bizikletan edo motoan ibiltzen direnek...». Baratxuri beltz krema Barabeltz enpresa baratxuri beltz krema ere merkaturatzen hasi da. «Baratxuri beltza, azala kenduta eta ur pixka batekin nahastuta. Ogi txigortuan zabalduta jateko ederra da. Sukaldean ere oso erabilgarria da, baratxuriari azala kendu beharrik ez baitago, eta mostaza moduan ere balia daiteke arrainarekin, haragiarekin edo nahi denarekin». Barabeltz baratxuri beltz krema.BARABELTZ Kalitatea eta gertutasuna Barabeltz S.L. familia enpresa da. Ugao-Miraballesen (Bizkaia) du egoitza, Usila industrialdean. Elikadura osasungarria eta kalitatezkoa sustatzea da haien filosofia. Horrela, bi irizpide horien arabera erabiltzen dute baratxuri freskoa: kalitatea eta gertutasuna. Gertuko ekoizleen goi mailako kalitateko baratxuri freskoa da, ohiko ekoizpenekoa nahiz ekoizpen ekologikokoa. «Baratxuri morea erosten dugu, benetako baratxuri morea, kalitate handikoa, eta Nafarroatik ekartzen dugu kopururik handiena». Era berean, bertakoa bultzatzeko asmoarekin bat, langileak ingurukoak dira. «Diseinua eta instalazio guztiak egin genituenean ere, lan horietan aritu den jende guztia hemengoa izan da. Gainera, arazoren bat egonez gero, zerbitzu teknikoa hemen bertan dago. Bertakoaren edo gertukoaren filosofia da gurea, alde guztietatik begiratuta. Produktua, langileak, instalazioak, denak bertakoak dira». Barabeltz baratxuri beltza Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako saltoki ugaritan eskura daiteke: janari-dendak, belar-dendak, harategiak... Barabeltzen webgunean ageri dira saltoki guztiak.
2020-12-2
https://www.berria.eus/albisteak/190575/abusu-ikastolak-esan-du-hamar-gela-itxi-behar-izan-dituela-covid-19arengatik.htm
Gizartea
Abusu ikastolak esan du hamar gela itxi behar izan dituela COVID-19arengatik
Gezurtatu egin nahi izan ditu 30 gela itxita daudela dioten albisteak; baheketaren emaitzen zain daude orain zentroan.
Abusu ikastolak esan du hamar gela itxi behar izan dituela COVID-19arengatik. Gezurtatu egin nahi izan ditu 30 gela itxita daudela dioten albisteak; baheketaren emaitzen zain daude orain zentroan.
«Orain ditugu hamar gela itxita». Bilboko Abusu ikastolako zuzendari Zunbeltz Fullaondoren adierazpenak dira, gaur goizean bertan BERRIAri egindakoak. Gezurtatu nahi izan du atzo, Efe albiste agentziak emandako datuetan oinarrituta, zabaldu zen albiste bat: 30 gela itxi behar izan dituztela COVID-19aren ondorioz. Joan den ostegunetik dabiltza Abusu ikastolan kezkatuta zentroan agertu diren koronabirus kasuen ondorioz. Lehen Hezkuntzako ume batzuen positiboen berri izan zuten astearen bukaeran, eta domekan Haur Hezkuntzako irakasle baten kasuaren berri ere izan zuten. «Orduan, Osakidetzan eskatu genuen baheketa bat egiteko», azaldu du Fullandok. Baheketa, hain justu, atzo egin zuten, eta, orain, emaitzen zain daude. «Orain arte jaso ditugunetan, ez dugu positibo bakar baten berri izan», jakinarazi du. «Hala ere, Osakidetzatik esan digute 24-48 ordu beharko direla emaitza guztiak eskura izateko». DBHko ikasleen kasuan, PCR testak eta antigeno probak, bietakoak egin dizkiete. Osakidetzaren hautua izan da, baheketa honetatik test azkarren eraginkortasunaren gaineko ezagutza osatzeko datuak eskuratu nahi baitituzte osasun profesionalek.
2020-12-2
https://www.berria.eus/albisteak/190576/langabezia-jaitsi-egin-da-baina-ia-16000-langile-gehiago-daude-erregulazioan.htm
Ekonomia
Langabezia jaitsi egin da, baina ia 16.000 langile gehiago daude erregulazioan
Azaroan, 171.963 langabe zeuden erregistratuta, urrian baino 5.416 gutxiago, eta iazko azaroan baino 25.770 gehiago.
Langabezia jaitsi egin da, baina ia 16.000 langile gehiago daude erregulazioan. Azaroan, 171.963 langabe zeuden erregistratuta, urrian baino 5.416 gutxiago, eta iazko azaroan baino 25.770 gehiago.
Bizitza soziala eta aisialdia murrizteko Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak hartutako neurriek eragina izan dute Hego Euskal Herriko lan merkatuan. Hainbat hilabetez behera egin ondoren, berriro ere handitu da enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientean dauden langileen kopurua: azaroaren amaieran 41.714 ziren, hilabete lehenago baino 15.749 gehiago. Datu txar horrek kontraste handia egiten du langabe kopuruaren bilakaera onarekin. Ohikoa denez, langabeziak behera egin du azaroan, baina aurten inoiz baino gehiago egin du: 171.963 lagun ageri dira langabe gisa erregistratuta Lanbideren eta Nafar Lansareren bulegoetan, urrian baino 5.416 gutxiago. Langabezia: jaitsiera historikoa Koronabirusaren krisiak kolpe gogorra eman dio lan merkatuari, eta horren erakusle da duela urtebete baino 25.770 langabe gehiago zeudela azaroan. Baina, hurrengo hilabeteetan egoera izugarri okertzen ez bada, ez dira beteko aurreikuspenik beltzenak, eta langabe kopuruak ez du gaindituko 200.000 lagunen langa. Bide horretan zihoan udan, abuztuan 185.420 izan baitziren, baina ordutik hona ez du okerrera egin, hobera baizik: abuztuan baino ia 13.500 langabe gutxiago daude orain. Zerbitzuak izan ziren langabeziaren jaitsieraren motor nagusia irailean eta urrian, hezkuntzari lotutako enplegua dela eta. Azaroan ere zerbitzuetan jaitsi da gehien langabezia (-2.974), baina beste sektoreen ekarpena ere ez da gutxietsi behar. Aeronautikaren arazo latzak gorabehera, industrian 766 langabe gutxiago daude urrian baino, eta 490 gutxiago eraikuntzan, baina portzentualki hobekuntza handiena aurretik enplegurik gabe zeudenen artean gertatu da (-979). Gazteak izan ohi dira horietako asko. Langabeziaren jaitsierak batez ere gizonei egin die mesede, eta, horren ondorioz, emakumeek langabeen artean duten pisua lau hamarren igo da, %55,8ra arte. Horrela, SEPEren datuak INEren biztanleria aktiboarekin erkatuz gero, emakumeen %14,9 daude lanik gabe, eta gizonen %10,9. Lurraldeei erreparatuz gero, Nafarroa da salbuespena, han gora egin baitu langabeen kopuruak (+619). Asko murriztu da kopurua Bizkaian (-2.349) eta Gipuzkoan (-1.547), baina, bere biztanleria kontuan hartuta, Arabak eman du daturik onena (-2.139). Ikusi beharko da, ordea, zer gertatuko den hurrengo asteetan, aeronautikan eta autogintzan iragarritako kaleratze gehienak gauzatzen direnean. Erregulazioak: berriro gora Enplegua aldi baterako erregulatzeko dosierrean zeudenen kopuruak apirilean jo zuen goia, itxialdia ia erabatekoa izan zenean. Orduan 230.000 langile egon ziren behin-behinean lanetik kanpo, baina kopuru horrek behera egin zuen ekonomia zabaldu ahala. Urrian jo zuen behea (25.955 langile), baina, espero zen moduan, jauzi bat egin du gora azaroan, 41.704raino. Ostalaritzako langileak dira batik bat, tabernak eta jatetxeak itxita egon baitziren ia azaro osoan. Joan den astean zabaldu ziren batzuk Nafarroan, eta horren eragina ikus daiteke datu batean: gehiago dira batez beste aldi baterako erregulazioan egon diren langileak (10.891) hilabetearen amaieran zeudenak baino (10.560). Hau da, pentsa daiteke zerbitzari batzuk erregulaziotik atera dituztela tabernetako jabeek. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ordea, kontrakoa gertatzen da, beranduago itxi zituztelako ostatuak —abenduaren 7an—, baina oraindik itxita daudelako; ondorioz, hilabetearen amaieran langile gehiago zeuden erregulazioan (31.149), batez beste, azaroan baino (30.891). Aldi baterako erregulazioan dauden langileak ez dira langabetzat hartzen, haien kontratuak ez baitaude hautsita, etenda baizik. Ostatuen itxieraren eragina beste datu batean ere ikus daiteke: autonomoen prestazio berezia 21.344 lagunek jaso dute azaroan, eta urrian 7.653 baizik ez ziren izan. Hau da, ia 13.700 autonomok gehiagok jaso dutela laguntza, beren negozioak itxita daudelako edo oso diru-sarrera apalekin. Afiliazioak: hilabete motela Langabe kopurua txikitu egin den arren, ia ez da aldaketarik Gizarte Segurantzaren afiliazioetan. Batez beste, 1.247.587 lagunek kotizatu dute azaroan, urrian baino 180 gehiagok, eta iazko azaroan baino 23.548 gehiagok. Azaroko datu kaskarrena da 2014. urteaz geroztik, nahiz eta egia den azaroak ez duela arlo horretan oso kopuru esanguratsurik ematen. Edonola ere, beste datu kezkagarri batekin uztar daiteke: sinatutako kontratu kopurua ia %15 txikitu da iazko azaroarekin alderatuz gero. Ostalaritza itxita egotearen ondorioa izan daiteke. Gainera, kontratu mugagabeen kopuruak oso maila apalean jarraitzen du: azaroan egindakoen %7,11 baizik ez ziren mota horretakoak.
2020-12-2
https://www.berria.eus/albisteak/190577/iazko-bisitarien-26-hartu-ditu-aurten-bilboko-guggenheimek.htm
Kultura
Iazko bisitarien %26 hartu ditu aurten Bilboko Guggenheimek
Fundazioaren patronatuak 24 milioi euroko aurrekontua onartu du hurrengo urterako, iazko kopurua bosten bat murriztuz. Euskal artistei buruzko erakusketa bat eta abstrakzioari emakumezkoek egindako ekarpenari buruzko bat izango dituen programa bat ere adostu dute.
Iazko bisitarien %26 hartu ditu aurten Bilboko Guggenheimek. Fundazioaren patronatuak 24 milioi euroko aurrekontua onartu du hurrengo urterako, iazko kopurua bosten bat murriztuz. Euskal artistei buruzko erakusketa bat eta abstrakzioari emakumezkoek egindako ekarpenari buruzko bat izango dituen programa bat ere adostu dute.
Iaz baino lau aldiz jende gutxiago izan da aurten Bilboko Guggenheim museoan. Guztira, 279.476 bisitari jaso ditu urte hasieratik azaroaren 30era bitarte; iaz epealdi berean hartutakoen %26, zehazki. Hain zuzen ere, koronabirusaren eraginez, turismoak eta kulturak bizi duten egoera «zaila» izan da museoaren fundazioaren patronatuko bileran landutako gaietako bat. Atzo egin zuten bilkura museoko arduradunek eta Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Bilboko Udaleko ordezkariek, eta zailtasun horien xehetasunak eman zituen bilkura hasieran Juan Ignacio Bidarte Bilboko museoko zuzendariak. Bisitari kopurua nabarmen jaitsi dela aitortu zuen bilkuran, baina museoak uztailean eta abuztuan izandako bisitari multzoa ere nabarmendu zuen, zeren eta, neurri handi batean, udako bisita horiek eragotzi baitute zenbakia are murritzagoa izatea. Azken hilabeteotan Bilboko eta mugakide diren herrietako bisitariak bakarrik har ditzaketela ere gogoratu zuten. Edonola ere, sare sozialetan izan duten jarraitzaile kopuruak gora egin duela eta Museoaren Lagunak kanpainarekin bat egiten dutenak gero eta gehiago direla ere oroitarazi zuten. Aurrekontua eta programazioa 2021erako aurrekontua eta kultur programa ere onartu zituzten bilkuran. Ohar bidez azaldu dutenez, pandemia eta haren ondorioz etorritako krisia kontuan hartuz osatu dute aurreikuspena, eta, hurrengo urteak aurrera egin ahala, turismoaren eta kulturaren arloetan egoerak onera egingo duela aurreikusi dute, esaterako. Hala onartu dute 23.936.932 euroko aurrekontua. Iaz izandako kopurua %20,2 murriztu dute horretarako. Programazioari dagokionez, datorren urtean ikusgai izango dira, besteak beste, XIX. mende amaierako eta XX. mende hasierako euskal artisten margolanen erakusketa bat, 1920ko hamarkadako planteamendu artistikoen inguruko bat, emakume artistek abstrakzioari egindako ekarpena jasotzen duen beste bat, eta Alice Neel margolariaren erretratu multzo bat.
2020-12-11
https://www.berria.eus/albisteak/190578/goenaga-jogurtak-erabat-naturalak.htm
albisteak
Goenaga jogurtak, erabat naturalak
Goenaga jogurtak kalitaterik handieneko behi esnearekin eginiko jogurtak dira, erabat naturalak. Donostiako Pokopandegi baserrian ekoizten dituzte.
Goenaga jogurtak, erabat naturalak. Goenaga jogurtak kalitaterik handieneko behi esnearekin eginiko jogurtak dira, erabat naturalak. Donostiako Pokopandegi baserrian ekoizten dituzte.
Brown Swiss arrazako behien esnearekin egiten dituzte Goenaga jogurt guztiak Donostiako Pokopandegi baserrian; Brown Swiss arrazako behien esnea kalitate proteiko oso handikoa da, eta proteina kalitatea oso garrantzitsua da Goenaga jogurten ekoizpenean. Horrela, Goenaga jogurtak kalitaterik handieneko behi esnearekin eginiko jogurtak dira, erabat naturalak. Pokopandegi baserrian bizi diren behiak inolako transgenikorik gabeko nahasketa lehor batez elikatzen dituzte, eta nahi adina jaten dute lastoarekin batera. «Bigarak eta esnerik ematen ari ez diren behiak zelaian libre ibiltzen dira, eta esnea ematen dutenak berriz ukuiluan egoten dira, eta robot bitartez jezten ditugu», Goenaga sendiko kideen hitzetan. Jogurtaren ekoizpen osoa egiten dute baserrian. Esnea hotz tankeetan biltzen dute, eta bertatik pasteurizagailuetara banatzen dute. Behin esnea pasteurizatuta, esne hartzigarriak nahastu, eta ontziratu egiten dute. Ondoren, labean sartzen dute. «Behin jogurta egina dagoelarik, hotz kameratara pasatzen ditugu, eta, hurrengo egunean, furgonetan kargatu, eta dendetara banatzen. Esne osoarekin edo esne gaingabetuarekin egiten ditugu jogurtak, eta esneari kentzen diogun esne-gainarekin gurinaren antzeko esne-gain krema ere saltzen dugu, gurina baino koipe gutxiago duena baina erabilpen berbera». Esneak izaten duen tratamendu bakarra pasteurizazioa da; ez dute homogeneizatzen, ez eta estandarizatzen ere. Azken produktuari ez diote azukrerik ez bestelako gehigarririk nahasten. «Garrantzitsua iruditzen zaigu, jogurtari norberak gehitzea gehien gustatzen zaion hori. Nahas dakioke fruta freskoa, marmelada, konpota, zerealak... edota eztiaz gozatu fruitu lehor batzuekin». Lehen sektorea indartuz Goenaga familiak jarri zuen martxan enpresa, 1983an. «Lau urtez hona, Pokopandegi baserriko gestioa hiru anai- arrebon eskuetan hartu genuen,baserriaren etorkizuna bermatuz. Gure nahia, lehen sektorea, ezinbesteko sektore delarik, indartzea da, lanbide duin eta errentagarria ahalbidetzea, lanbide erakargarria izan dadin gure ondorengoentzat. Horretarako, ezinbestekoa da baserri lan gogorretarako gaur egungo tegnologia aplikatzea eta salmentaren prezioen kontrola izatea. Baserriak enpresa gestioa izan behar duela argi dugu. Eta bide batez, une larri hauetan, lankide eta bezero guztiei, gure proiektuan eta produktuengan duten konfiantza eskertu nahi diegu, mila esker guztiei».
2020-12-14
https://www.berria.eus/albisteak/190579/artzain-gazta-paregabea.htm
albisteak
Artzain gazta paregabea
Gazta ardi latxaren esnearekin egiten duten ehun artzain baino gehiago aritzen dira Artzai Gazta elkartean. Gazta paregabea ekoizten dute, beren artaldeetako ardien esnearekin.
Artzain gazta paregabea. Gazta ardi latxaren esnearekin egiten duten ehun artzain baino gehiago aritzen dira Artzai Gazta elkartean. Gazta paregabea ekoizten dute, beren artaldeetako ardien esnearekin.
Guztira, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako 105 artzain biltzen ditu Artzai Gazta elkarteak. Beren artaldeetako ardi latxen esne gordinarekin egiten dute gazta. Gazta bikaina, herritarrek atsegin handiz eskuratu eta dastatzen dutena. Martxoan eta apirilean izan zen alarma egoera kaltegarria izan zen artzainentzat. Izan ere, sasoi horretan gazta egiteko garai gorenean zeuden, kamerak gaztaz beterik, eta salmentek jaitsiera handia izan zuten, ekoizpenaren zati handi bat etxetik bertatik saltzen baitute, baserritik. Horrela, zenbait artzainek esnea saldu behar izan zuten gazta gehiago gordetzeko tokirik ez zutelako. Egoera larri hori ikusita, Artzai Gazta elkarteak eta Idiazabal sor-markak hainbat egitasmo martxan jarri dituzte jakinarazteko eremu bakoitzean non eskura daitekeen elkarteko artzainen gazta eta zer artzainek banatzen duten gazta etxez etxe. Sare sozialetan eta webguneetan hedatu da informazio hori, eta harrera ona izan du bezeroen artean. Izan ere, Artzai Gazta elkarteko artzainen gazta bikaina izateaz gain, bezeroek garrantzia ematen diote bertako, hurbileko eta kalitatezko produktua izateari. Gazta bikaina egiten dute.ARTZAI GAZTA Artzainek bezeroarengana iristeko modu berriak aurkitu dituzte, eta, era berean, herritarrak jabetu dira bertako produktuak kontsumitzearen garrantziaz, bertako ekonomia eta artzaintza eredu estentsiboa, eta modu iraunkorrean egiten den ekoizpena bizirik mantentzeko. Artzai Gazta elkarteko gazta bat erostea ez baita gazta bat erostea bakarrik; atzean beste hainbat kontu daude: larreak, ardi latxa eta bertako arraza honen hobekuntza, gure mendi, belardi eta paisaia zoragarrien kudeaketa, gure ardi latxen esne gordinez gazta egiteko era tradizionala… Azken batean, artzainek arreta eta grina erakusten dituzte beren bizimoduan, kontsumitzaileari gazta honen jatorria eta kalitatea bermatu ahal izateko.
2020-12-16
https://www.berria.eus/albisteak/190580/arabako-patata-kalitate-aparta.htm
albisteak
Arabako patata, kalitate aparta
Udapa kooperatibak kalitate goreneko Arabako patata merkaturatzen du. Patata freskoak ez ezik, zurituak eta egosiak ere bai.
Arabako patata, kalitate aparta. Udapa kooperatibak kalitate goreneko Arabako patata merkaturatzen du. Patata freskoak ez ezik, zurituak eta egosiak ere bai.
Patata Euskal Herriko gastronomian oso nabarmena den produktu bat da, herritarrek modu batean edo bestean ia egunero jaten dutena. Gaur egun, Arabako patata kalitate goreneko elikagaitzat hartzen dute kontsumitzaileek, klimari, lurrari eta tradizioan oinarritutako laboreari esker. Arabako lurrek ematen duten produktu estimatu hori merkaturatzen du Udapa kooperatibak. Patata freskoak ez ezik, zurituak eta egosiak ere bai. Naturalak dira, inolako kontserbagarririk eta gehigarririk gabekoak, goi mailako kalitatea dutenak. Izan ere, Eusko Label sor-markak ezarritako kalitate azterketa zorrotzak gainditzen dituzten patatak ekoizten ditu. Hau da, ingurumenarekiko errespetu osoz erein, hazi eta bildu ondoren, patatarik onenak hautatzen dira kontsumitzaileari elikagai osasungarria, homogeneoa eta kalitatezkoa eskaintzeko. Proiektu kooperatibo berezia Udapa bigarren mailako kooperatiba bat da, eta bertan aritzen dira nekazariak, langileak eta Laboral Kutxa. 1993. urtean sortu zen, patataren ekoizpena hobetu, eraberritu eta profesionalizatu nahian, eta gaur egun oraindik xede eta ilusio horrekin dihardu. Gainera, proiektuaren barruan nekazariak daudenez, nekazariak beraiek kooperatibako bazkideak baitira, Udapak momentu oro harreman zuzena dauka patatekin, eta horrek ekoizpen prozesu guztia kontrolatzeko modua ematen dio. Proiektu kooperatibo berezia da Udapa, haren xede nagusia ez baita soilik dirua irabaztea, baizik eta haren konpromiso nagusien artean daude, besteak beste, bazkideen eta langileen ongizatea bermatzea, bertako patataren ekoizpena bultzatzea, gizartearen garapena era jasangarrian sustatzea eta kalitatezko produktuak merkaturatzea. Azken helburu hori gauzatzeko, patataren ekoizpen prozesu guztia kontrolatu ez ezik, berrikuntzari ere berebiziko garrantzia ematen dio. Ildo horretatik, eta egungo kontsumitzaileen beharrak asetzeko asmoz, urte honen hasieran osasuntsuak eta prestatzeko errazak diren produktuak merkaturatzen hasi da Udapa Facil markapean. Patatak zurituta, era desberdinetan moztuak, lurrunetan egosirik eta hutsean ontziratuta aurkezten dira, inolako kontserbagarririk edo alergenorik gaineratu gabe. Modu horretan, kontsumitzaileek patata oinarri duten errezetak era azkar, erraz eta gozoan presta ditzakete. Ingurumena eta elkartasuna Bertako produktuaren ekoizpena sustatzeko, patata erein aurretik uztaren prezioa adosten da nekazariekin batera, kontratu berezien bidez. Gainera, Arabako patataren ekoizpena bultzatzeaz gain, Udapak baliabide naturalak eta natura zaintzen ditu, eta ingurumena babesteko proiektu ugaritan murgilduta dago. Halaber, gizartearen garapena bultzatzeko, gobernuz kanpoko hainbat erakunderekin lan egiten du, zenbait proiektu aurrera eramanez. Agian, horien artean garrantzitsuena Alboan gobernuz kanpoko erakundearekin batera Kongon azken hamabi urteotan garatzen ari den proiektua da, hango sesamo ekoizleen artean kooperatibak sortzen lagunduz.
2020-12-2
https://www.berria.eus/albisteak/190581/629-kasu-atzeman-dituzte-hego-euskal-herrian-eta-positibo-tasa-59koa-da.htm
Gizartea
629 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian, eta positibo tasa %5,9koa da
Zazpi eguneko intzidentzia metatuari dagokionez, «muturreko arrisku» taldetik atera da Nafarroa: 114 kasu dira 100.000 biztanleko.
629 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian, eta positibo tasa %5,9koa da. Zazpi eguneko intzidentzia metatuari dagokionez, «muturreko arrisku» taldetik atera da Nafarroa: 114 kasu dira 100.000 biztanleko.
Kasu kopuruak eta positibo tasak gora egin zuten atzo Hego Euskal Herriko lurralde gehienetan. Atzo, 10.663 PCR eta antigeno proba egin zituzten Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, eta horietatik 629k eman zuten positibo COVID-19an (bezperan baino 76 gehiago). Positiboen ehunekoetan igoera apala atzeman zen: %5,9koa da orain. Lurraldeka, Araban eta Bizkaian erregistratu dituzte igoera nabarmenenak: 101 positibo Araban (aurreko egunean baino 30 gehiago) eta 257 Bizkaian (35 gehiago). Gipuzkoan, igoera askoz apalagoa da: 195 positibo, astelehenean baino 9 gehiago. Nafarroan, berriz, behera egin dute adierazle guztiek: beste 65 COVID-19 kasu atzeman zituzten atzo, Osasun Departamentuaren behin-behineko datuen arabera. Abuztuaren 17tik izan den daturik apalena da, eta, laugarren egunez jarraian, ehun positiboren langatik behera dago herrialdea. Bezperan baino PCR eta antigeno proba gutxiago egin ziren asteartean (1.725), baina, hala ere, positibo tasak behera egin zuen: %3,7 da orain. Ospitaleen egoerari buruzko datuak ere eman dituzte Osakidetzak eta Osasunbideak: atzo, 47 pertsona ospitaleratu zituzten Hego Euskal Herrian COVID-19aren ondorioz, eta 160 pertsona daude Zainketa Intentsiboetako Unitateetan. Nafarroako ospitaleetako egoeraren berri ematekoa da Nafarroako Gobernua ere datozen orduetan. Bestalde, azaroaren 23tik 29ra arteko astean 112 pertsona hil ziren Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, izurriaren ondorioz. Nafarroako Gobernuak egunetik egunera ematen du COVID-19ak eragindako heriotzen berri, baina, Santos Indurain kontseilariak gaur azaldu duenez, azken egunean ez da izurriari loturiko heriotzarik erregistratu. Nafarroako intzidentzia metatua, behera Azken egunetako datuen argitara, bestalde, «muturreko arriskuan» dauden erkidegoen multzotik atera da Nafarroa, zazpi eguneko intzidentzia metatuari dagokionez. 114 kasu daude oraintxe herrialdean 100.000 biztanleko —muturreko arriskutzat hartzen da 125 kasutik gora izatea—. Nafarroa, hala ere, muturreko arriskuan dago oraindik, beste bi adierazleren arabera: 14 egunetan metatutako intzidentzian (262 kasu 100.000 biztanleko) eta ZIU oheen okupazioan (% 25,58). 14 eguneko intzidentzia metatua handia da Hegoaldeko gainerako herrialdeetan ere: 100.000 biztanleko 368 kasu Araban, 352 Bizkaian, eta 538 Gipuzkoan.
2020-12-2
https://www.berria.eus/albisteak/190582/lsquogauzak-direna-balirarsquo-liburua-aurkeztu-du-joseba-sarrionandiak-kubatik.htm
Kultura
‘Gauzak direna balira’ liburua aurkeztu du Joseba Sarrionandiak Kubatik
Habanako gaukariaren hirugarren liburukia gaur aurkeztu dute, Donostian, eta idazleak bidalitako bideoa eman dute bertan.
‘Gauzak direna balira’ liburua aurkeztu du Joseba Sarrionandiak Kubatik. Habanako gaukariaren hirugarren liburukia gaur aurkeztu dute, Donostian, eta idazleak bidalitako bideoa eman dute bertan.
Bizitzea ez al da oso arriskutsua? (2018) eta Airea ez da debalde (2019) Habanako gaukaria-ren lehen bi aleak osatzera dator Gauzak direna balira, Joseba Sarrionandiaren azkeneko liburua, eta aurreko biek bezala, egunkari forma du. Gaur aurkeztu du liburua Pamiela argitaletxeak Donostian, eta ekitaldian izan dira Dana Moya kantaria, Gotzon Garaizabal argazkilaria eta Fernando Rey edizioaren arduraduna. Protagonismoa, ordea, Sarrionandiak berak hartu du, Habanan bertan hari grabatutako hamasei minutuko bideo bat eman baitute saioan. Orain dela lau urte jakin zen Etxepare Euskal Institutuak Habanako Unibertsitatean zabaldu zuen Euskara eta Euskal Kultura irakurletzaren arduraduna izango zela Sarrionandia, eta orduan eman zien BERRIAri eta beste zenbait komunikabideri elkarrizketa luzea idazleak. Aurreneko aldia da, ordea, bideo baten bitartez bere liburu bat aurkezten duena. Gaurko aurkezpenerako prestatutako hitzaldian, Sarrionandiak azaldu du Gauzak direna balira, egunkari bat izanda ere, ez dela «egunkari intimo» bat, «baizik eta ingurua eta mundua ulertzeko saiakerak». Gaukaria izanda —alegia, gauez idatzitakoa—, opakutasunera jotzen du liburuak, eta idazleak berak esan duenez, bera saiatu da «ilargiaren sekretario» lana egiten. «Liburu bakoitza da egitura bat, idazmolde bat», Sarrionandiaren arabera, eta Gauzak direna balira-k, aurreko bi lanek bezala, egitura bati segitzen dio. «Forma oso konkretua dauka, egitura berezia, baina beti behar da egitura bat askatasuna izateko; askatasuna ez da ezerezean eraikitzen. Behar dira baldintza batzuk». Literatura bilaketa prozesu batekin alderatzen du Sarrionandiak. «Bilatzen duzu zerbait beharbada ez dagoena. Behintzat ez da gauza estatiko bat eta erreal bat. Baina funtzionatzen du ortzemuga bezala. Bila zoaz, baina ez duzu aurkitzen; ez literaturan, ez politikan». Gainera, bilatzen den hori aldakorra ere badela uste du idazleak. «Esaterako, [Gabriel] Arestirentzat euskararen salbazioa gizarte komunista batean izango zen. Geroko belaunaldi gazteagoetan nahi genuen edo bilatzen genuen mirakulu literario bat, eta, orain, azkenaldian gizartea aldrebestu denez edo hainbat proiektuk frakasatu dutenez, gaude Orinokoan erdi galduta bezala. Puntu imajinario eta utopia horren bilaketan; bai literaturan, bai bizitzaren beste arlo horietan». Literaturaren «Dorado imajinarioetara» iritsi ez arren, bilaketak berak «lanaren nekea» arintzen duten plazerak badituela uste du Sarrionandiak. «Liburu hau idazten ere plazer txiki horiek sentitu ditut, esaterako, hitzetan. Hitz batzuk aurkitu ditut, urre txiki batzuk». Gainera, euskaraz idazten duen aldetik, «komunitate» baten parte ikusten du bere burua idazleak. «Literatura egiteko orduan, niri ez zait interesatzen dirua... edo ez daukat ikuskizunean parte hartzeko anbiziorik. Baina pribilegiatua sentitzen naiz komunitate baten parte izateagatik». Hain zuzen ere, edertasuna bilatzeko modu bat baino gehiago, literatura «bizitza komunitarioan» parte hartzeko formatzat dauka Sarrionandiak. Ur sakonetan Fernando Reyk Sarrioandiaren beste liburu baten aipamena egin du, Gauzak direna balira editatzeak eman diona azaltzeko: «Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak liburuan, Sarrionandiak esaten du itzultzailea irakurle pribilegiatua dela, eta nik hori askotan sentitu izan dut itzultzaile aritu izan naizenetan. Oraingo honetan itzultzaile ez, baizik eta editore eta zuzentzaile lana tokatu zait, eta lantegi honetan ere irakurle pribilegiatua sentitu naiz. Aukera izan dut testua askotan irakurtzeko, idazlearekin hamaika aldiz hitz egiteko honetaz eta hartaz, eta saiakeraren ur sakonetan sartzeko». Sakonera horietan «denetarik» aurki daitekeela nabarmendu du Reyk: jendearen bizitza asaldatzen eta gozatzen duten gertakari txiki eta handiei buruzko gogoetak, euskarari buruzkoak, orainari eta iraganari egindako begiratua, umore tantak, ironia, Euskal Herria, Katalunia, pandemia, Ernesto Cardenalen oroitzapena, Luis Eduardo Auteren kanta ezagunenaren itzulpena, indigenek jasandako izugarrikeriak, kapitalismoaren kontraesanak, sorginak, kanibalismoa... «Bada kontu bat nik nabarmenduko nukeena: euskaldun esklabistei buruzko gogoeta luzea egiten du, aipamenak eta kronikak bilduz». Horiek guztiek saiakera berezi bat osatzen dute, Pamielakoaren ustez: mimoz prestaturiko edari bat. «Dosi txikitan eskaintzen dizkigu bere gogoetak, hemengo eta hango liburuetan aurkitutako gauzak, egunerokoan bizi izandakoak, jakinduria, ironia, ikerketa lana, eta, apaltasunez, galdera bat egiten digu: nik hau aurkitu dut, nik hau pentsatu dut... zuk zer uste duzu?».
2020-12-18
https://www.berria.eus/albisteak/190583/euskal-kola-freskagarri-bikaina.htm
albisteak
Euskal kola, freskagarri bikaina
Euskola markak Euskal Herrian ekoitzitako kola edari freskagarri bikaina merkaturatzen du, Euskola Original eta Euskola Zero izenpean.
Euskal kola, freskagarri bikaina. Euskola markak Euskal Herrian ekoitzitako kola edari freskagarri bikaina merkaturatzen du, Euskola Original eta Euskola Zero izenpean.
Euskal Herrian ekoitzitako kola edari freskagarri ederra eskaintzen du Euskola markak, bi motatakoa; Euskola Original izenekoa eta Euskola Zero izenekoa. Euskolak Bardozen (Lapurdi) dauka bere produkzio gunea, eta bertako ekoizpen dinamikan murgildurik dago. Urte honen hasiera Euskola markarentzat garai garrantzitsua izan da. Edari orekatua eskaintzeko helburuarekin, kola edaria egiteko bere errezeta berriz landu du. Horrela, Euskola Original izenekoa lurrin naturalekin egina da, eta kola edari industrialek baino %15 azukre gutxiago du. Halaber, Euskal Herriko azukrerik gabeko lehen kola eskaintzeko asmoz, Euskola Zero izeneko edaria ekoizteko errezeta bat sortu dute. Kaloria gutxiago duen edari freskagarria da, egarriari aurre egiteko eta osasuna zaintzeko ezin hobea. Bai Euskola Original bai Euskola Zero edariak 33 zentilitroko eta litro bateko PET plastikozko botiletan eskura daitezke, eta 33 zentilitroko berinazko botiletan ere bai. Basajaunaren omenez Berritze horrek Euskola markaren irudi eta nortasun berriekin bat egiten du, non Basajauna pertsonaia nagusia den, eta pop gisako etiketa grafiko batean irudikatua den. «Euskal mitologiarekin jolastuz, Euskolak pertsonaia jakintsu honi omenaldi bat egiten dio», Euskola markako arduradunen hitzetan. Basajaunek, oihaneko jaunak, mendiaren ezagutzaile handia izanik, euskal mendiak eta Pirinioak zeharkatzen zituen indarrik egin gabe. Bere ikaragarrizko gorputza, erraldoia eta iletsua, ezaguna da. Euskal mendietan bizi izan da gaur egungo pertsonak baino lehen. Jakintsu handia izanik, nekazaritza, burdingintza eta errotaritza teknikak deskubritu zituen. Gizakiak, amarruz eta desafioekin, Basajaunen jakintza ebasten saiatu ziren. Hain zuzen ere, Euskola edariarekin, gorazarre egiten diote Basajauni: «Gure izaki maitagarriari, lurrina naturalekin Euskal Herrian produzitua, Bardozen. Basajauni esker, Euskolaren errezeta sekretu berezia badugu, eta babestuko dugu».
2020-12-2
https://www.berria.eus/albisteak/190584/lanpostuetan-euskara-eskakizuna-bermatzeko-eskatu-du-uemak-nafarroako-parlamentuan.htm
Gizartea
Lanpostuetan euskara eskakizuna bermatzeko eskatu du Uemak Nafarroako parlamentuan
Udalerri euskaldunetako herritarren hizkuntza eskubideen urraketak biltzen dituen txostena aurkeztu eta eskaerak egin dituzte. Talde parlamentario guziek azpimarratu dute hizkuntza eskubideetan aurrera egiteko beharra.
Lanpostuetan euskara eskakizuna bermatzeko eskatu du Uemak Nafarroako parlamentuan. Udalerri euskaldunetako herritarren hizkuntza eskubideen urraketak biltzen dituen txostena aurkeztu eta eskaerak egin dituzte. Talde parlamentario guziek azpimarratu dute hizkuntza eskubideetan aurrera egiteko beharra.
Nafarroako Parlamentuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Batzordean agerraldia egin dute Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kideek, Geroa Bai eta EH Bildu alderdiek eskatuta, eta udalerri euskaldunetako lanpostu publikoei buruzko txostena aurkeztu dute. Iraitz Lazkano Uemako lehendakariak eta Aitor Elexpuru Berako alkateak deitoratu dute gaur egun euskara eskakizunak ez direla betetzen, eta, beraz, herritarren hizkuntza eskubideak ez direla bermatzen. 2013tik hona Nafarroako Parlamentuan egiten duten bosgarren agerraldia da; 2018an egin zuten azkena, eta ordutik "aldaketa gutxi" izan dela erran dute. Elexpuruk emandako datuen arabera, 2019an zehar herritarren 71 kexa jaso zituen Nafarroako Gobernuarekin lotuta Hizkuntza Eskubideen Behatokiak; horietatik 38 (%53,5) osasun arloari zegozkion. Uemako kideak lehentasunezkotzat jo du arlo horretan aurrerapausoak ematea. Gaur egun, Nafarroako hamahiru herri daude Ueman, eta horiei buruzko datuak eman ditu Elexpuruk: euskara merezimendu gisa dago ia lanpostu guztietan, eta hizkuntza eskakizuna duten lanpostuetan B2 maila eskatzen da. Hizkuntza eskakizuna lanpostu guzietara zabaltzea eta gutxienez C1 maila eskatzea beharrezkotzat jo du Berako alkateak. Halaber, hurrengo urteetarako aurreikuspen plan bat egiteko eskatu du, bermatzeko lanpostu elebidun gehiago izan daitezen eta lanpostu horietan eta haien ordezkapenetan langile elebidunak egon daitezen. Gainerako arloetan ere urratsak egiteko eskatu du: paisaia linguistikoa, informazio orriak, mamografietarako txandak, mamografien txostenak, erradiografia zerbitzuko inkestak, ordua hartzeko SMS mezuak, gaixo agiriak eta abar. Horrez gain, bestelako zerbitzu batzuk ere aipatu ditu, tartean liburuzainak, mendizainak eta foruzainak, eta, horietan ere eskakizun elebiduna jartzeko eskatu du, herritarrekin harreman zuzena duten jendaurreko lanpostuei lehentasuna emanez. Oro har, "zirkuitu elebidunak" osatzeko eskatu du: herritar elebidun batek Nafarroako administrazioan egin beharreko ibilbide osoan zerbitzu elebiduna jasotzeko eskubidea bermatzea. Elexpuruk emandako datuen arabera, Nafarroako Gobernuaren zerbitzu telematikoetan euskaraz egin litezkeen tramiteen egoera "larria" da. "Egoitza elektronikoan tramite guztien %23 egin daitezke euskaraz. Administrazio Publikoaren katalogoan, berriz, %2,5 besterik ez". Adostasun zabala Uemako kideen agerraldiaren ondotik, talde politikoetako ordezkariek hartu dute hitza. Guziek nabarmendu dute euskaldunen hizkuntza eskubideetan aurrera egiteko beharra. Uxue Barkos Geroa Baiko ordezkariak nabarmendu du Nafarroako Euskararen Plan Estrategikoa "aurrera" doala, Nafarroako Gobernuak "arretaz" aztertuko dituela Uemak emandako datuak, eta "erantzun egokiak" emango dituela. Hala ere, osasungintza arloan, pediatrian adibidez, lanpostu batzuk betetzeko dauden zailtasunak azpimarratu ditu, "ez soilik euskaldunak lortzeko, espezialistak lortzeko ere bai". Bakartxo Ruiz EH Bilduko ordezkariak ohartarazi du 2013tik azterketa eta proposamen "bertsuekin" agertu izan direla Uemako kideak, "ezer gutxi aurreratu da planteatu dituzten arazoetan". Nabarmendu du herri euskaldunak aipatzean "arnasguneak" aipatzen direla, biztanleen %70 baino gehiago euskaldunak diren herriak. Legez udalerri euskaldunek dituzten eskubideak betetzeko "momentua" dela azpimarratu du. Iñaki Iriarte Navarra Sumako ordezkariaren iritziz, "egokia" da herri euskaldunetan zerbitzua ematen duena euskalduna izatea, baina nabarmendu du hori posible ez denean ezin direla "lanpostuak hutsik" utzi. Euskaraz C1 maila duten langileak aurkitzeko zailtasuna ere azpimarratu du. Halaber, euskaraz moldatzen ez denak ere lanpostu publikoetara iristeko "eskubidea" duela erran du. PSNko Maria Juriok aitortu du euskara eskakizuna ez dela bete "urteetan zehar", eta orain ere ez dela betetzen ari. Ahal Dugu eta Ezkerrako ordezkariek ez dute batzordean parte hartu. Talde politikoetako ordezkarien adierazpenak entzunda, Lazkanok nabarmendu du "poztekoa" dela euskaldunen hizkuntza eskubideak betetzeko beharrari buruz "adostasuna" dagoela ikustea. "Horrekin gelditzen naiz. Urte pare batera itzuliko gara, eta espero dugu aldaketak egotea".
2020-12-21
https://www.berria.eus/albisteak/190585/euskal-garagardogileen-sor-marka.htm
albisteak
Euskal garagardogileen sor-marka
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hamabi garagardo marka biltzen ditu Euskal Garagardoa-Basque Beer sor-markak.
Euskal garagardogileen sor-marka. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hamabi garagardo marka biltzen ditu Euskal Garagardoa-Basque Beer sor-markak.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ekoitzi eta botilatzen duten hamabi garagardo etxerekin jarri da abian Euskal Garagardoa-Basque Beer sor-marka. Eusko Jaurlaritzak bultzaturiko egitasmo bat da, eta botiletan zein kutxetan ikus daitekeen zigiluak zehazten du zer garagardok betetzen dituzten gutxieneko baldintzak. Euskal Garagadoaren Elkarteak martxoaren 6an aurkeztu zuen sor-marka, Barakaldoko BECen antolatu zuten Gustuko Gastronomia azokan. Euskal Garagardoaren Elkartea 2014an sortutako irabazi asmorik gabeko elkarte bat da. Honako hauek dira, gaur egun, bazkideak: Baias, Boga Garagardoa, Gar&Gar, Olañeta, Maiken Brewery, La Salve, Pagoa, Txorierri Garagardoak, Urban Beer!, Etxeandia, Basabe eta Olbea Pilsner. Hala ere, elkartekide berriak erakartzea da elkartearen etorkizuneko erronketako bat. Elkarteak euskal garagardogileentzako laguntza tresna izatea du xedetzat, bai gaur egun dauden ekoizleentzat eta bai etorkizunean sortuko direnentzat. Euskal Garagardoa-Basque Beer sor-markaren aurkezpen ekitaldian, Javier Ortega Euskal Garagardoaren Elkarteko lehendakariak eskerrak eman zizkien Hazi fundazioari eta Eusko Jaurlaritzari, proiektua aurrera ateratzeko emandako laguntza guztiagatik. Horrez gain, sektorearen eta kontsumitzaileen babesa bermatzeko beharra azpimarratu zuen. «Euskadiko garagardo sektoreko kideak batzeko beharrak bultzatuta sortu zen Euskal Garagardoaren Elkartea, eta ordutik izan dugu marka kolektibo bat sortzeko helburua. Tokiko ekoizpena bultzatuz, lanpostu sorrerari, jasangarritasunari eta gure inguruko ekonomiaren garapenari laguntzen diogu, sektorearen eta kontsumitzailearen babesa bermatzearekin batera». Izan ere, jatorria eta kalitatea dira Euskal Garagardoa-Basque Beer sor-markak bermatu nahi dituen bereizgarriak: «EAEko garagardo ekoizleek indarrak batu ditugu kalitatearen eta jatorriaren bereizgarri den Euskal Garagardoa-Basque Beer marka kolektiboaren bitartez». Etorkizunera begira duten erronka bat da markaren zabalkundea. Horretarako, jadanik martxan daude elkarteak sortu duen webgunea eta haren sare sozialak, elkarteari eta markari berari buruzko informazio guztiarekin. Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak ere parte hartu zuen aurkezpen ekitaldian. Euskal Garagardoa-Basque Beer sor-marka Euskal Garagardoaren Elkartearentzat «mugarri bat» dela azpimarratu zuen. «Marka hau sektorea egituratzen ari den erakuslea da». Elkartearen lana ere goraipatu zuen, «hazten ari den sektore bati koherentzia ematen dio», eta garagardoaren sektoreari etorkizun oparoa iragarri zion: «Txikia da, baina hazten jarraitzeko oinarri sendoak ditu». Euskal Garagardoaren Jaia, iazko irailean, Donostian.EUSKAL GARAGARDOAREN ELKARTEA Garagardo naturala Euskal Garagardoa-Basque Beer sor-markako garagardoa naturala da. Ez dute gehigarri eta kontserbagarri artifizialik erabiltzen. Urez, lupuluz, garagarrez eta legamiaz egindako garagardoa da. «Mimoz egindako tokiko, kalitatezko eta nortasun handiko garagardo naturala», Euskal Garagardoaren Elkarteko kideen hitzetan. Arreta handiz zaintzen dituzte lehengaien aukeraketa eta ekoizpen prozesua, «zapore eta esperientzia bakarrak eskaintzeko helburuarekin». Horrela, sor-markako garagardo etxe bakoitzak bere izaera eta ñabardurak ditu, «bakoitzaren lurraldeari lotutako istorioetatik abiatuta».
2020-12-2
https://www.berria.eus/albisteak/190586/euskararen-aurkako-zapalkuntzak-bistaratzeko-deia-egin-dute.htm
Gizartea
Euskararen aurkako zapalkuntzak bistaratzeko deia egin dute
Twitterren salaketak egiteko deia egin dute #EuskaldunokPlanto traola erabilita. Euskararen eguna «borroka eta salaketa eguna» izan dadila dei eskatu dute.
Euskararen aurkako zapalkuntzak bistaratzeko deia egin dute. Twitterren salaketak egiteko deia egin dute #EuskaldunokPlanto traola erabilita. Euskararen eguna «borroka eta salaketa eguna» izan dadila dei eskatu dute.
Euskaldunok Planto! izeneko perfil berria sortu dute Twitter sare sozialean, eta bertako erabiltzaileei dei egin die biharko Euskararen Eguna “borroka eta salaketa eguna” izan dadin. “Euskaldunon aurkako zapalkuntzari erantzuteko” baliatu nahi dute zita. Hala idatzi dute: “Ahalduntzeko ordua da; ezin ditugu euskaldunon aurkako erasoak onartu. Erabil dezagun eguna, euskaltzale kontzientzia politikoa sortzeko, pairatzen ditugun botere harremanak begi bistan jartzeko, zapalkuntzak eta aurpegi garbiketak seinalatzeko, erasoak eta erasotzaileak salatzeko.” Ikusgarritasun hori lortzeko, bihar egun osoan norbanakoek bizi izandako esperientziak partekatzeko eskaera egin dute, #EuskaldunokPlanto traola erabilita. Bihar argitaratuko dituzten salaketa mezu batzuk ere aurreratu dituzte:
2020-12-2
https://www.berria.eus/albisteak/190587/ahotsak-plataformak-bakearen-aldeko-adierazpen-bat-aurkeztuko-du.htm
Politika
Ahotsak plataformak bakearen aldeko adierazpen bat aurkeztuko du
Ahotsak-ek eta Foro Sozialak antolatuta 'Emakumeak bake prozesuetan' izeneko jardunaldia egingo dute gaur, Kursaalen
Ahotsak plataformak bakearen aldeko adierazpen bat aurkeztuko du. Ahotsak-ek eta Foro Sozialak antolatuta 'Emakumeak bake prozesuetan' izeneko jardunaldia egingo dute gaur, Kursaalen
Alderdi, erakunde eta gizarte arlo askotako emakumeek adostutako adierazpen bat aurkeztuko dute gaur, Kursaalean, Donostian. Bost puntu jasoko ditu. Besteak beste, aldarrikatuko dute emakumeek bake prozesuetan parte hartze aktiboa izan behar dutela, eta, gertatutakoaren kontakizun inklusiboa eta egiazkoa egiteko, emakumeek bizikidetzaren eraikuntzan ekarpen aktiboa izatea aldarrikatuko dute. Bakea indarkeriarik eza baino zerbait gehiago dela ere jasoko dute. Duela 15 urte aurkeztu zuten Ahotsak plataforma, alderdi ezberdinetako emakumeen arteko saretze lan bat egin ostean. Mugarri hura gogoratu eta aintzat hartzeko egingo dute gaurko jardunaldia. Gaurko aurkezpenean, Ahotsak-eko sustatzaileez gain, honako emakume hauek izango dira: Bakartxo Tejería, Maddalen Iriarte, Itsaso Atutxa, Rafaela Romero, Ainhoa Aznarez, Garbiñe Aranburu, Eider Mendoza, Aintzane Ezenarro, Anaiz Funosas, Kizkitza Gil de San Vicente, Monika Hernando, Ana Otadui, Miren Izaskun Landaida, Aitzpea Leizaola eta Teresa Toda. Jardunaldia 16:00etan hasiko da. Mahai inguru batean jorratuko dute nazioartean izan diren zenbait gatazkaren konponbideetan emakumeek izan duten parte hartzea. Hauek izango dira hizlariak: Maima Abdeslam, Fronte Polisarioaren ordezkaria Genevan (Mendebaldeko Sahara), Amandine Fulchiron, Actoras de Cambio (Guatemala) talde feministaren sortzaileetako bat, Alejandra Miller, Ruta Pacífica de las Mujeres-eko kidea eta Egiaren Batzordeko ordezkaria (Kolonbia) eta Ayse Betul Celik, irakasle titularra Sabanciko Unibertsitatean (Turkia) eta aditua gatazka etnikoetan, migrazio behartuan, adiskidetzean eta emakumeen bakegintzan. Moderatzailea Tamara de Gracia Romero (Mugarik Gabe) izango da.
2020-12-2
https://www.berria.eus/albisteak/190588/nbek-akordioa-lortu-du-etiopiarekin-tigrayra-giza-laguntza-bidaltzeko.htm
Mundua
NBEk akordioa lortu du Etiopiarekin, Tigrayra giza laguntza bidaltzeko
Herrialdearen armadak kontrolpean dituen lurraldeetan sartzeko aukera izango dute hainbat erakunde humanitariok.
NBEk akordioa lortu du Etiopiarekin, Tigrayra giza laguntza bidaltzeko. Herrialdearen armadak kontrolpean dituen lurraldeetan sartzeko aukera izango dute hainbat erakunde humanitariok.
Akordioa lortu dute gaur NBE Nazio Batuen Erakundeak eta Etiopiako Gobernuak, giza laguntza Tigrayko eskualdera iristen has dadin. Oraingoz, erakunde humanitarioek herrialdeko armadak kontrolpean dituen lurraldeetarako sarbidea izango dute soilik, baina ezingo dute sartu TPLF Tigray Askatzeko Herri Frontearen esku daudenetan. Saviano Abreu NBEren OCHA Auzi Humanitarioen Koordinaziorako Bulegoko bozeramaileak azaldu duenez, Addis Abebak konpromisoa hartu du giza laguntzarako elkarteei «oztoporik gabeko sarbidea» bermatzeko «era seguru eta egonkorrean, bai langileentzat nahiz giza laguntza hornidurarentzat». Hala ere, OCHAk lanean jarraituko duela gaineratu du, giza laguntza «eskualde osora eta behar duen pertsona ororengana» iristeko, eta ez soilik armadaren esku dauden eremuetara. Giza laguntzarako hainbat erakundek salatu dute janaria eta sendagaiak agortzen ari direla Tigrayko milioika herritarrentzat. NBEren esanetan, hilabeteko janari banaketari esker bizirauten duten 600.000 herritarrek ez dute elikagai laguntzarik joan den azaroaren 4an gatazka armatua hasi zenetik. Addis Abbebaren eta TPLFren arteko gerraren ondorioz, ehunka pertsona hil direla uste da, nahiz eta oraindik ez dagoen datu horiek baieztatzerik, eskualdea erabat inkomunikatuta dagoelako. Horrez gain, dozenaka milaka pertsonak utzi dute eskualdea, enfrentamenduetatik ihesi. Sudanera 40.000 iheslari baino gehiago iritsi dira Tigraytik, joan den asteko datuen arabera. Nazioarteko hainbat erakundek asteak daramatzate Tigrayko egoeraren larriaz ohartarazten, eta bertara giza laguntza bideratzeko baimen eske. Gobernuak, baina, baztertu egin du aukera hori, eta nabarmendu du ez duela nazioartearen «esku hartzerik» onartuko. Gainera, Abiy Ahmed Etiopiako lehen ministro eta Bakearen Nobel saridunak ez du onartu TPLFrekin elkarrizketak abiatzeko Afrikako Batasunaren bitartekaritza eskaintza. Adierazi du ez duela negoziatuko Tigray kontrolpean hartu arte. Addis Abebak 72 orduko ultimatuma eman zion TPLFri joan den astean, errendi zedin. Epea amaitu zenean, Mekelle Tigrayko hiriburuari eraso egiteko agindua eman zuen. Etiopiako Gobernuaren esanetan, kontrolpean du hiriburua. TPLFk, berriz, hiritik hurbil borrokan jarraitzen dutela esan du. Abiyk operazio militar «azkarra» agindu zuen Tigrayn, baina lau astean dihardu dagoeneko. Hainbat adituk zalantzan jarri dute armadak Mekelle eskuratuta ere gerra amaituko denik, eta gatazkaren ondorioak Afrikako Adar osora hedatzeko arriskuaz ohartarazi dute.
2020-12-2
https://www.berria.eus/albisteak/190589/berria-zabalik-erosi-zumaian-kanpainak-baditu-irabazleak.htm
Gizartea
'BERRIA zabalik, erosi Zumaian' kanpainak baditu irabazleak
Marije Manterolak 1.000 euroko bonu bat irabazi du Zumaiako dendetan erosteko, eta Marisa Oinetakoak dendak 1.000 euroko balioa duen publizitate kanpaina bat irabazi du BERRIArako
'BERRIA zabalik, erosi Zumaian' kanpainak baditu irabazleak. Marije Manterolak 1.000 euroko bonu bat irabazi du Zumaiako dendetan erosteko, eta Marisa Oinetakoak dendak 1.000 euroko balioa duen publizitate kanpaina bat irabazi du BERRIArako
BERRIA egunkariak, Zumaiako Udalaren eta Gertu merkatari eta ostalarien elkartearen laguntzarekin, eta Kutxabankek babestuta, astebeteko kanpaina egin du. BERRIA zabalik, erosi Zumaian izeneko kanpainan parte hartu dute 48 komertziok eta herritar askok, eta jadanik baditu irabazleak. Marije Manterolak 1.000 euroko bonu bat irabazi du kanpainan parte hartu duten komertzioetan gastatzeko, eta Marisa Oinetakoak dendak 1.000 euroko balioa duen publizitate kanpaina bat irabazi du.
2020-12-2
https://www.berria.eus/albisteak/190590/hamar-milioi-gehiago-2021eko-aurrekontuetarako.htm
Politika
Hamar milioi gehiago 2021eko aurrekontuetarako
Geroa Baik nabarmendu du Navarra Suma ez beste parlamentu taldeekin hitzartutako akordioak «egonkortasun politiko eta ekonomikoa» emango diola Nafarroari
Hamar milioi gehiago 2021eko aurrekontuetarako. Geroa Baik nabarmendu du Navarra Suma ez beste parlamentu taldeekin hitzartutako akordioak «egonkortasun politiko eta ekonomikoa» emango diola Nafarroari
Lehenik, Nafarroako Gobernuak EH Bildurekin akordioa lortu ondotik, parlamenturako igorritako aurrekontu proiektuan bederatzi milioi euroren diru sailak jaso ziren. Bakartxo Ruizek aurreratu zuen, baina, zuzenketa partzialen negoziazioan jokatzeko partida bazela oraindik, eta PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak hamar milioi euroren zuzenketak hitzartu dituzte. Berez, ordezkaritzaren arabera, talde bakoitzaren artean diru kopuru bat banatu da, eta konpromisoa da bakoitzak aurkezten dituenak guztien artean onartzea. Ezohiko gertakariei aurre egiteko urtero aurrekontuetan jaso ohi diren kontingentzia planetik hartuko dira hamar milioi euroak. Beste behin, iragan astean osoko zuzenketa atzera bota ostean, Navarra Suma bakarrik geratu da. Asteazken goizean, Geroa Baik aurkeztutako 80 zuzenketen berri eman du. Uxue Barkos eledunak nabarmendu du akordio horrek «egonkortasun politiko eta ekonomikoa» emango diola. Nabarmendu du aurrekontu akordioak beti direla beharrezkoak baina pandemiaren erdian «are beharrezkoagoak», eta oroitarazi du aurrekontuak aurrera ateratzeko Navarra Sumak gobernuari eskaini zion abstentzioak ez zuela inongo heldulekurik: «Denok genekien hasieratik txeke zuri bat emateko Navarra Sumaren proposamen horrek ez zuela aukerarik, txantxa bat baino ez zela, baina uneotan gauza ez dago txantxetarako». Barkosek nabarmendu du aurrekontuak ez onartzeak «zigor bikoitza» eragingo liokeela Nafarroari, Europako Batasuneko Next Generation egitasmoko funtserako galga bat litzatekeelako. Barkosek adierazi du ulertzen duela Nafarroako gizartearen zati batengan EH Bilduk eragin dezakeen errezeloa, eta bizikidetzaren eta erreparazioaren arloko prozesua irekirik badago ere negoziazio politikoek aurrera egin behar dutela COVID-19ari aurre egiteko. Halaber, gaineratu du aurreko gobernuak politiketan egindako norabide aldaketak eta Geroa Bairen eskuetan diren departamenduek toki onean utzi dutela Nafarroa, EBko laguntzei begira. Geroa Baik aurkeztutako 80 zuzenketek hiru milioi euroko finantzaketa izango dute; horietatik 61, hain zuzen, bakarrik aurkeztu ditu, eta gainerakoak, beste lau indarrekin edo batzuekin hitzartuta. Maria Solanak azpimarratu du hiru milioi eurotik 2,5 milioi euro Nafarroako hainbat udaletako egitasmoak bultzatzeko izango direla.
2020-12-2
https://www.berria.eus/albisteak/190591/hong-kongek-wong-eta-oposizioko-beste-bi-ekintzaile-espetxeratu-ditu.htm
Mundua
Hong Kongek Wong eta oposizioko beste bi ekintzaile espetxeratu ditu
Erruduntzat jo dituzte 2019an legez kanpoko manifestazio bat antolatzeagatik eta hartan parte hartzeagatik. Hamahiru hilabeteko zigorra ezarri diote Wongi, eta hamarna hilabetekoa, berriz, Chowri eta Lami.
Hong Kongek Wong eta oposizioko beste bi ekintzaile espetxeratu ditu. Erruduntzat jo dituzte 2019an legez kanpoko manifestazio bat antolatzeagatik eta hartan parte hartzeagatik. Hamahiru hilabeteko zigorra ezarri diote Wongi, eta hamarna hilabetekoa, berriz, Chowri eta Lami.
Hong Kongeko Gobernuak «demokraziaren» aldeko mugimenduko beste hiru kide zigortu ditu gaur: Joshua Wong oposizioko ekintzaile eta mugimenduko kiderik ezagunena eta Agnes Chow eta Ivan Lam kideak. Wong hamahiru hilabeteko espetxealdira zigortu dute, eta hamarna hilabeteko zigorra ezarri diete Chomi eta Lami. Hirurei leporatu diete 2019ko ekainean gobernuaren kontrako legez kanpoko manifestazio bat antolatzea eta mobilizazio horretan parte hartzea. Garai horretan, protesta jendetsuak izan ziren Hong Kongen, Txinarako estradizioei bide ematen zien legearen aurka. Manifestarien presioak hiriko gobernua behartu zuen legea behin-behinean etetera. Epaitu dituzten gertaerak Txinak Hong Kongerako onartu zuen Segurtasun Legearen aurrekoak direnez, zigor gogorragoak saihestu dituzte. Izan ere, bizi guztiko kartzela zigorra aurreikusten du lege horrek segurtasun nazionalaren kontrako delituentzat. Wongek Twitter bidez adierazi du aldarrikapen politikoei eutsiko diela kartzelatik. «Ez da borrokaren amaiera. Gure aurretik beste gudu zelai bat dugu erronka. Orain, espetxeko gudura batuko gara beste manifestari ausart batzuekin batera. Ez da hain agerikoa, baina bai ezinbestekoa Hong Kongerako demokrazia eta askatasuna lortzeko borrokan». Wongek hurrengo hauteskundeetan parte hartuko zuela iragarri zuen abuztuan. Bozak irailean egitekoak ziren, baina urtebete atzeratu zituen hiriko gobernuak pandemia kontrolatu beharra zegoela argudiatuta. Espetxeratutako hiru ekintzaileak ezagun egin ziren 2014ko Aterkien Iraultzan.
2020-12-2
https://www.berria.eus/albisteak/190592/eh-bilduk-mozio-bat-aurkeztuko-du-legebiltzarrean-gas-ustiaketako-diru-xahuketa-etetea-eskatzeko.htm
Gizartea
EH Bilduk mozio bat aurkeztuko du legebiltzarrean, gas ustiaketako diru xahuketa etetea eskatzeko
Mikel Oterok onartezintzat jo du Jaurlaritzak Gasteizko Udalari baimena eskatu izana gasa badagoen aztertzeko lanak egin ditzan Armentia IIn, besteak beste, «ingurumen babestua» delako. Ramiro Gonzalez Arabako Ahaldun Nagusiak Jaurlaritzaren jarrera babestu du Batzar Nagusietan, eta ustiaketarekin segitzearen alde egin du.
EH Bilduk mozio bat aurkeztuko du legebiltzarrean, gas ustiaketako diru xahuketa etetea eskatzeko. Mikel Oterok onartezintzat jo du Jaurlaritzak Gasteizko Udalari baimena eskatu izana gasa badagoen aztertzeko lanak egin ditzan Armentia IIn, besteak beste, «ingurumen babestua» delako. Ramiro Gonzalez Arabako Ahaldun Nagusiak Jaurlaritzaren jarrera babestu du Batzar Nagusietan, eta ustiaketarekin segitzearen alde egin du.
EH Bilduk mozio bat aurkeztuko du Eusko Legebiltzarrean, Jaurlaritzari eskatzeko bertan behera utz ditzala gasa badagoen ikertzeko Gasteizen egin nahi dituen lanak, eta Shesa enpresa publikoa desegiteko eta diru publikoa energia berriztagarrietara bideratzeko ere eskatuko du. Mikel Otero legebiltzarkidearen ustez, «ez da onargarria klima larrialdiko garai honetan diru publikoa energia kutsagarrietara bideratzea energia berriztagarriak bultzatu ordez». Shesa-Euskadiko hidrokarburuak enpresa publikoak Gasteizko Udalari baimena eskatu dio lanak hasteko, Armentian gasa ba ote dagoen aztertze aldera. Iragan astean eskatu zizkion gai honen inguruko azalpenak Oterok Arantxa Tapia Ingurumen sailburuari legebiltzarrean, eta Tapiak erantzun zuen Jaurlaritzaren apustua energia berriztagarrietan badago ere gasa badagoen aztertzen segituko zutela, «trantsiziozko energia» gisa beharrezkoa dela iruditzen zaielako. Oterok esan zion azken hamar urteetan 80 milioi euroko zuloa eragin duela Shesak kontu publikoetan, eta eskatu zion ixteko sozietate publiko hori, eta dirua energia berriztagarrietan inbertitzeko. Legebiltzarrean aurkeztuko duten mozioan eskaera hori berretsiko du EH Bilduk. Gainera, Oterok azaldu du Jaurlaritzak Gasteizko Udalari egin dion eskaerak talka egiten duela indarrean dagoen legearekin: «Eskaera egin duen tokian ezin da gas putzu bat egin, Gasteizko hirigintza planak ez duelako horrelakorik onartzen, ingurumen babesa duen eremu bat da eta». Oteroren esanetan, «putzua egiteko, hiria hidrokarburoen mesedetan jarri beharko litzateke, eta Urtaranek ezin du horrelakorik egin, ez duelako gehiengorik». Gainera, ohartarazi dio Espainiako Gobernua lantzen ari den Klima Aldaketaren Lege berriak ez diola gas ustiatzea baimenduko, «Armentia II proiektua, beraz, antzua da, ibilbiderik gabekoa». Bide beretik jo zuten atzo Gasteiz-Elkarrekin eta Gasteizko Eguzkik ere, eskatuz inbertsio publikoa energia berriztagarrietara bideratzeko. Ramiro Gonzalez Arabako Ahaldun nagusiak bat egin du Jaurlaritzaren jarrerarekin, Uste du energia berriztagarriak %100era iritsi bitartean bestelako energia batzuk beharrezkoak izango direla, eta gasa badagoen ikertzearen eta ustiatzea dagoen tokietan ustiatzearen alde egin du. Hala esan du gaur, EH Bilduk egindako galdera bati erantzunez: «Zuek nahiago duzue gasa Aljeriatik ekartzea, axola izan gabe han zer lan baldintzatan ustiatzen den. Aukeran nahiago dugu bertatik bertara ekarri eta lan baldintza onetan egiten dela bermatu», esan du gaur Batzar Nagusietan.
2020-12-2
https://www.berria.eus/albisteak/190593/euskaraz-sortzeko-30-egonaldi-artistiko-jarriko-ditu-martxan-udalbiltzak.htm
Kultura
Euskaraz sortzeko 30 egonaldi artistiko jarriko ditu martxan Udalbiltzak
Euskal Herri osoko 25 edo 30 udalerritan antolatuko dituzte literatur lanak, film laburrak zein antzezlanak sortzen laguntzeko egonaldiak. Geuretik sortuak deituko dute egitasmoa, eta 700.000 euroko aurrekontua aurreikusi diote
Euskaraz sortzeko 30 egonaldi artistiko jarriko ditu martxan Udalbiltzak. Euskal Herri osoko 25 edo 30 udalerritan antolatuko dituzte literatur lanak, film laburrak zein antzezlanak sortzen laguntzeko egonaldiak. Geuretik sortuak deituko dute egitasmoa, eta 700.000 euroko aurrekontua aurreikusi diote
Euskaraz sortzen eta hedatzen den artea «gero eta urriagoa» dela uste du Udalbiltza Euskal Herriko udaletxe eta hautetsiak batzen dituen erakundeak, eta hutsune horri aurre egiteko abiatu du Geuretik sortuak proiektua. Euskarazko lanak sortzen laguntzeko egonaldi bana antolatuko du hurrengo urteko lehen erdialdean Euskal Herri osoko 25 edo 30 udalerritan, eta sortutako lan horiek erakusteko zirkuitua osatuko du ondoren herri horietan guztietan. Euskaraz sortutako literatura, zinemagintza eta antzerkia sustatzea da helburua, eta 700.000 euroko poltsa aurreikusi diote. Parte hartuko duten udalerriak biltzen hasiak dira jadanik, baina hurrengo urte hasieran egingo dute sortzaileentzako deialdia, eta, aurreikusten dutenez, 2022 hasierarako bukatuko da bira. «Estrategikoa» da proiektua, Jabi Asurmendi Udalbiltzako lehendakariaren hitzetan. Sortzaileak hautatzeko deialdi publiko bat egitea da erakundearen asmoa. Hurrengo urte hasierarako espero dute hori, eta batzorde batek erabakiko du zein proiektu hautatu eta bakoitza zein herritara bideratu. Horri esker, hainbat asteko egonaldia egin ahalko dute bertan sortzaileak edo konpainiak. Herriz herriko errealitatea kontuan hartuko duten sorkuntza lanak sustatzea da Udalbiltzaren asmoa, eta, horretarako, sortzaileen eta bertako eragileen arteko hartu emanak sustatuko dituzte. Eleberri labur bat, antzezlan bat edota film labur bat sortuko ditu denbora tarte horretan sortzaileak, dagokion sorkuntza esparruaren arabera. Laguntzen zenbatekoari eta egonaldiaren iraupen zehatzari buruzko xehetasunak deialdia egiterakoan emango dituztela iragarri dute. Euskal Herri osorako zirkuitu bat Hedapena helduko da ondoren. Nobela horiek liburu bakarrean bilduko dituzte, sortuko direla aurreikusitako lau antzezlanak herriz herri mugituko dituzte, eta film labur guztiak film luze bat osatzeko moduan muntatuko dituzte. Beste deialdi publiko baten bidez hautatuko dituzte lan hori egitekoak diren argitaletxea, muntatzaileak eta teknikariak, eta egonaldiak sortu dituzten herrietara eramango dituzte ikuskizunak, antolatzaileek esan dutenez, «Euskal Herri osoa hartuko duen kultur zirkuitu bat sortuz». Balorazioaren tartea helduko da ondoren, eta, iradoki dutenez, proiektuari jarraipena ematea eta kultur adierazpide gehiagotara zabaltzea da Udalbiltzaren asmoa. Koro Etxeberria Hernaniko Kultura zinegotzi eta Udalbiltzako hautetsiak azaldu duenez, euskal kultura beti egon da «gutxietsia eta prekaritatearekin lotuta», eta koronabirusaren krisiak areagotu egin du traben zerrenda. Haren hitzetan, politikoak ere badira zailtasunak, ordea. «Bi estaturen artean eta hiru administraziotan zatituta dagoen lurraldea izateak arazoak, zailtasunak eta oztopoak baino ez ditu ekartzen euskal kulturaren eta artearen sormena, garapena eta hedapena normaltasunez eta naturaltasunez bideratu ahal izaterako orduan». Oraingoz, 23 herri Euskal Herriaren kohesioa helburu duten egitasmoak bultzatzea da Udalbiltzaren egitekoetako bat, baina orain arte ez du sekula kultur alorreko proiekturik garatu. Aurten, ordea, horretarako beharra ikusi dutela azaldu du erakundeko lehendakariak. Asurmendi: «Luze eta zabal hausnartu dugu euskal kulturak egun bizi duen egoeraren inguruan, eta bertatik ondorioztatutakoak Udalbiltzatik zerbait egin behar genuela pentsatzera eraman gaitu». Hainbat bilkura antolatu dituzte sektoreko ordezkariekin, eta hortik sortu da egonaldi programaren ideia. Guztira, 23 herrik egin dute bat asmoarekin. Tartean dira Durango, Usurbil, Oiartzun, Larrabetzu, Zuia, Artziniega, Oñati, Leitza, Lesaka, Bera, Lexantzü-Zunhaurre, Amasa-Villabona, Zestoa, Arrigorriaga, Zaldibia, Tafalla, Uztaritze, Etxarri-Aranatz, Bergara, Mendabia, Lodosa, Sartaguda eta Andosilla. Hemendik aurrera gehiago ere batuko zaizkiela espero dute Udalbiltzako ordezkariek, eta Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan jarria dute begia, azken hilabeteetan egin dituzten udal hauteskundeak amaitu ostean proiektua berriz ere bizituko dela uste baitute. Gainera, «lurraldetasunaren oreka» izan da herriak hautatzerakoan buruan izan dituzten beste irizpideetako bat. Bestelako mugak ere gainditzeko Hain zuzen ere, udal horiekin egindako hitzarmenen bidez eta bestelako laguntzaileen bultzadarekin osatuko du Udalbiltzak proiektuarentzako diru poltsa. Euskal Herri barruan ere bestelako mugak ere badaudela gogoratu du Hernaniko Kultur zinegotziak. «Ez da ohikoa Iparraldean sortzen dena Nafarroako Erriberan ikustea edo Gipuzkoan sortzen dena Zuberoan ikustea». Eta, hain zuzen ere, herri bakoitzetik arituz, mapa zabalago horretara heltzea izango da Geuretik sortuak egitasmoaren erronka. Etxeberria: «Euskal Herri osora iritsi nahi du».
2020-12-2
https://www.berria.eus/albisteak/190594/volkswagenen-209-egunez-egingo-dute-lan-2021ean.htm
Ekonomia
Volkswagenen, 209 egunez egingo dute lan 2021ean
Talde alemaniarrak datorren urteko egutegia hitzartu du UGT, CCOO, ELA eta CCP sindikatuekin. Urtean 255.303 auto egitea jartzen da helburu gisa, baina azpimarratzen da balitekeela egutegi hori aldatzea, pandemiaren bilakaera aurreikustea «ezinezkoa» baita.
Volkswagenen, 209 egunez egingo dute lan 2021ean. Talde alemaniarrak datorren urteko egutegia hitzartu du UGT, CCOO, ELA eta CCP sindikatuekin. Urtean 255.303 auto egitea jartzen da helburu gisa, baina azpimarratzen da balitekeela egutegi hori aldatzea, pandemiaren bilakaera aurreikustea «ezinezkoa» baita.
Hurrengo urterako egutegia badute Volkswagenen Landabengo fabrikan. Multinazionalak 255.303 auto egitea jarri du helburu gisa, eta, horretarako, 209 egunez lan egitea onartu dute langileen batzordearen %83 ordezkatzen duten sindikatuek —UGTk, CCOOk, ELAk eta CCPk; LABek eta CGTk kontra egin dute—. Sindikatuen eskariz, VWek ontzat jo du gaueko txandan lan egiten duten langileei COVID-19ren 150 euroko plus bat ematea, eta martxoaren 31n ordainduko zaie orduan aktibo diren langileei. Akordioan nabarmentzen da 2021a urte berezia izango dela pandemiaren ondorioz. Hala, hitzartutako egutegia aldakorra izango da, eta, produkzioa handitu edo txikitu daitekeen heinean, egunak ere egokitu beharko direla jasotzen du. Azpimarratzen du pandemiaren bilakaera aurreikustea ezinezkoa dela. Hala ere, orain egiten den aurreikuspen horren arabera, lehen sei hilabeteetan produkzioa murriztu egingo da pandemiaren ondorioz, eta, horregatik, aldi baterako espedientea ekainaren 31era arte luzatuko du. Dena den, gehiago luzatzea ez da baztertzen. CUV berria, 39. astean Uztailetik aurrera, bi modelo jaulkitzea espero da: Polo PA berria, 25. astetik aurrera, eta CUV Crossover Utility Vehicle auto modeloa 39. astetik aurrera. Kontuan eduki behar da egun Poloarekin batera TCross ekoizten dela Iruñean, baina iragan urte amaieratik hirugarren bat garatzeko lehen prototipoa heldu zela Brasildik. Aurten jaulkitzea espero zuten, baina pandemiak asmo horiek atzeratu egin ditu. Akordioak jasotzen du noiz egingo den fabrika irekirik, noiz egingo den lan txanda bakarrekin edo birekin eta noiz egingo den itxita. Txanda bat bakarrik lanean denean, goizekoa izango da, eta bi direnean, goiz eta arratsaldekoa. Hileroko aurreikuspen logistikoen arabera zehaztuko da fabrika noiz itxi eta ireki. Azkenik, VWek akordioan malgutasunez erantzuteko neurri bat ezarri du: programan egon daitezkeen aldaketei aurre egiteko, egunean 1.438 automobil egiteko gehienezko ahalmena «eskuragarri» egongo da.
2020-12-2
https://www.berria.eus/albisteak/190595/jaurlaritzak-zubietako-erraustegiari-ez-dio-onartu-abiatzeko-baimen-bat-luzatzea.htm
Gizartea
Jaurlaritzak Zubietako erraustegiari ez dio onartu abiatzeko baimen bat luzatzea
Industria Sailak abuztuan eskaini zion martxan jartzeko behin-behineko akta azaroaren 15ean iraungi zen. Ekondakinek luzapena eskatu du, baina Jaurlaritzak ez dio onartu.
Jaurlaritzak Zubietako erraustegiari ez dio onartu abiatzeko baimen bat luzatzea. Industria Sailak abuztuan eskaini zion martxan jartzeko behin-behineko akta azaroaren 15ean iraungi zen. Ekondakinek luzapena eskatu du, baina Jaurlaritzak ez dio onartu.
Bide administratibo luzean beste harri bat jarri zaio Zubietako erraustegiari orain. Izan ere, industria jarduerari dagokion baimen garrantzitsu bat gabe geratu da. Abuztuaren 19an eman zion Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak martxan jartzeko behin-behineko akta Zubietako erraustegiari, baina baldintza gisa jarri zion ikuskatzean topatu zituen huts teknikoak azaroaren 15a baino lehen konpontzea. Irailaren 1ean, baina, erraustegiaren transformadore nagusia martxan jartzerakoan, gailua erre egin zen. Horren ondorioz, Alemaniara bidali dute, eta orain herrialde hartan ari dira konpontzen. Hura ordezkatzeko, hiru itsas edukiontzi jarri zituzten, bina transformadore dutenak. Horien ahalmena 12 megavolt amperekoa da (Mva), guztira. Transformadore nagusiak 30 Mva-ko ahalmena duenez, haren potentziaren heren bat besterik ezin dute ordezkatu. Kontua da ezen joan den azaroaren 15ean, erraustegia martxan jartzeko behin-behineko aktaren epea amaitu zenean, Ekondakin enpresak (Urbaser buru duen enpresa emakidadunak) baimen hori luzatzeko eskatu ziola Jaurlaritzaren Industria Sailari, baina hark ukatu egin dio. Horren ondorioz, Gurasos elkarteak Industria Sailari eskatu dio bertan behera uzteko instalazioaren jarduera, eta Jaurlaritzak horri buruz erabaki beharko du datozen egunotan. Izan ere, Gurasosen arabera, martxan jartzeko behin-behineko akta indarrean izan gabe, Jaurlaritzak bertan behera utzi beharko luke erraustegiaren jarduera. Zubietako instalazioa iazko azaroan hasi zen hondakinak errausten, probaldian. Arantxa Tapiaren Sailaren komunikazioak BERRIAri esandakoaren arabera, eurek ez daukate informazio horren berririk. Edonola ere, BERRIAk jakin duenez, Industria Saileko txosten teknikoak ez zaizkie helarazten arduradun politikoei, eta litekeena da modu ofizialean haren berririk ez izatea oraindik. Duela bi aste kazeta honek galdetuta, GHK-k aitortu zuen transformadore nagusia konpontzen ari direla, baina ziurtatu zuen instalazioa ohiko funtzionamenduan ari dela, ordezko gailuen bidez. «Beraz, energia balioztatzen ari da». Gaur ohar bat kaleratu du, argitaratu diren albisteei erantzuteko. Hala, ziurtatu du erraustegiak indarrean dituela ingurumen baimen bateratua eta jarduera lizentzia, eta horiek «behin betikoak» direla. Halaber, berretsi du energia sortzen ari direla. Gurasosek gezurtatu egin du zaborra errez energia sortzen ari direla, transformadore nagusiaren faltan instalazioak ez baitu horretarako ahalmenik. Elkarte horrek berriki Red Electricak egindako txosten bat aipatu du, ziurtatzen duena erraustegiak ez duela argindarrik sortu urriaren 28ra arte, behinik-behin. Bestalde, BERRIAk jakin duenez, ordezko transformadore horien kostua hileko 700.000 eurokoa da. GHK-k ziurtatu du ez dela ezer ordaintzen ari, gertatutakoa «kontzesionarioaren ardura» baita. Sortu diren informazioen harira, baina, GHK-k aitortu du «informazio zehatza» eskatuko diola Ekondakini, falta diren administrazio tramiteak nola dauden jakiteko. Transformadorearen arazoak Ez da Zubietako erraustegiaren transformadoreak arazoak ematen dituen lehenengo aldia. 2019ko ekainean, eta Eusko Jaurlaritzaren Industria Sailaren baimenik gabe, gailua konektatzeko lehen saiakera egin zuten. Transformadorean leherketa bat gertatu zen, eta lau hilabete igaro zituzten hura konpontzeko. Operazio hura Industriaren baimenik gabe egin zutenez, zigor txosten bat zabaldu zioten instalazioa kudeatzen duen enpresari. Matxura haren ondorioz, hainbat hilabetez atzeratu zen instalazioaren probaldia. Jakinekoa denez, GHK-k eta enpresek sinatutako kontratuaren arabera, 2019ko ekainaren 3an martxan jarri behar zen instalazioa, eta hala egin ezean, pasatutako egun bakoitzeko 60.000 euroko isuna ordaindu beharko lioke enpresak kontsortzioari. Horrez gain, urriaren 3tik aurrera, beste 20.000 euro gehiago ordaindu beharko zituen enpresak egunero, martxan jartzeko epea atzeratzeagatik. Guztira, Gurasosek kalkulatu du 40 milioi euro inguru zor dizkiola jadanik Ekondakinek GHKri, kontratuak aurreikusten dituen atzerapenen trukeagatik. Izan ere, oraingoz instalazioa ez dago martxan. Berriki Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumen diputatuak aitortu du instalazioari azken baimen bat falta zaiola, martxan jartzeko akta, hain zuzen ere. Ingurumen baimena Halako instalazioek bi baimen nagusi dituzte. Bat ingurumenari dagokio, eta bestea, industriari. Ingurumen baimen bateratua 2020ko ekainaren 16an eman zion Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen sailburuorde Elena Morenok. Baimen hori emateko, ezinbestekoa da instalazioaren obra amaituta egotea. Horren ostean eman zion Eusko Jaurlaritzak jarduera industrialari dagokion behin-behineko akta. Gurasosek bi baimen horien arteko kontraesana ikusi du, eta, horregatik, gora jotzeko helegitea jarri zuen, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapiak ebatz zezan. Tapiak atzera bota du Gurasosen helegitea, ingurumen baimena eman zenean obrak amaituta zeudela ziurtatzen zuten teknikarien txostenak zeudela argudiatuta. Gurasosek EAEko Justizia Auzitegira eramango du eskaera hori datozen egunetan, erraustegiaren ingurumen baimen bateratua bertan behera uztea eskatzeko. Bi argudio ikusi ditu horretarako: obrak amaitu gabe egotea eta industriaren baimenik ez izatea. Industria Sailak beste zigor bat jarri dio Ekondakini 2020an, agiriak faltsutzeagatik. Izan ere, Ekondakinek, ingurumen baimena lortu ahal izateko, instalazio elektrikoa behar bezala amaituta zegoela jakinarazi zion Industria Sailari. Hark, baina, hutsuneak topatu zituen gero egindako ikerketetan, eta, hori dela eta, zigor prozedura ireki zion. Transformadore nagusian izandako bi istripu horiez gain, beste ezbehar larri bat ere izan du erraustegiak azken hilabeteotan, maiatzaren 7an Arkaitzerreka errekastoan egin zuen amoniako isuria, alegia. Ehunka arrain hil zituen isurketa toxiko horrengatik, erraustegiko lau arduradun ikertzen ari dira, delitu ekologikoa egin zutelakoan.
2020-12-2
https://www.berria.eus/albisteak/190596/espainiako-auzitegi-gorenak-hilaren-15ean-erabakiko-du-bateragune-auzia-berriz-egin-ala-ez.htm
Politika
Espainiako Auzitegi Gorenak hilaren 15ean erabakiko du 'Bateragune auzia' berriz egin ala ez
Fiskalak epaiketa berriro egiteko eskatu zuen azaroan. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak 2018an ebatzi zuen akusatuen eskubideak urratu egin zirela epaiketan, eta, ondorioz, Espainiako Auzitegi Gorenak 2012an jarritako zigorrak baliogabetu egin zituen uztailean Gorenak berak.
Espainiako Auzitegi Gorenak hilaren 15ean erabakiko du 'Bateragune auzia' berriz egin ala ez. Fiskalak epaiketa berriro egiteko eskatu zuen azaroan. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak 2018an ebatzi zuen akusatuen eskubideak urratu egin zirela epaiketan, eta, ondorioz, Espainiako Auzitegi Gorenak 2012an jarritako zigorrak baliogabetu egin zituen uztailean Gorenak berak.
Espainiako Auzitegi Gorenak Bateragune auzikoen zigorrak bertan behera uztea erabaki ondotik, epaiketa berriro egiteko eskatu zuen azaroan fiskaltzak. Epaileak jarria du jada auzia berriro eginen duten ala ez erabakitzeko data: abenduaren 15ean ebatziko dute. Auzitegi Gorenak ateak itxita aztertuko du epaiketa berriro egitea ala ez egiteari buruzko erabakia. Uztail bukaeran iritsi zen Auzitegi Gorenaren sententzia: Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Bateragune auziari buruz 2018ko azaroan kaleratutako epaiari men egin zion, eta, ondorioz, Gorenak berak 2012an ezarritako zigorrak baliogabetu zituen. Gorenak 2012an ezarritako espetxe zigorra osorik betea zuten ordurako bost kondenatuek, eta 31 urte egin zituzten preso: Sonia Jacintok, Arkaitz Rodriguezek eta Miren Zabaletak, seina urte, eta Otegik eta Diazek, ia sei eta erdi bakoitzak.
2020-12-2
https://www.berria.eus/albisteak/190597/datuetan-esperantzarako-printzak-badirela-esan-du-sagarduik.htm
Gizartea
Datuetan «esperantzarako» printzak badirela esan du Sagarduik
Nafarroako Gobernuaren izenean, Indurainek adierazi du Eguberrietarako neurriei buruz ados jartzea espero dutela : «Koherentzia erakuste aldera»
Datuetan «esperantzarako» printzak badirela esan du Sagarduik. Nafarroako Gobernuaren izenean, Indurainek adierazi du Eguberrietarako neurriei buruz ados jartzea espero dutela : «Koherentzia erakuste aldera»
Eusko Legebiltzarrean solastatu da gaur Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagardui, eta adierazi du izurriari buruzko datuetan badirela «esperantzarako» printzak: «Orain dela hilabete baino hobeto gaude». Hala ere, oraindik adi jarraitu behar dela esan du, erietxeetan «presio handia» dutela, eta datuak apaltzen jarraitu behar dela ezinbestean. Datu positiboen artean nabarmendu du, adibidez, murriztu egin dela infektatu bakoitzak zenbat pertsona kutsa ditzakeen erakusten duen aldagaia: 1,09tik 0,89ra. COVID-19aren ondorioz egunean erietxera eramaten dituzten pazienteen kopurua ere apaldu egin da aurreko hilean: 62tik 43ra. «Hala ere, eboluzio on hori oraindik ez da agerikoa ZIUetan», adierazi du. Izan ere, gaixorik larrienak eramaten dituzte unitate horietara, eta usu luze egon behar izaten dute han, osatzeko. Gaur arratsaldean, Espainiako Gobernuarekin elkartuko dira autonomia erkidegoetako ordezkariak Gabonetako ezarriko diren irizpideak aztertzeko. Egun horietan ere neurri «zorrotzekin» jarraitu beharko dela oroitarazi du Osasun sailburuak. Adierazi du, hori bai, autonomia erkidego bakoitzak bere egoera epidemiologikoaren arabera jokatzeko aukera izan behar duela. Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilari Santos Indurainek ere hizpide izan du gaur arratsaldeko bilera; hainbat neurritan ados jartzea garrantzitsua dela esan du, gizartearen aurrean «koherentzia» erakuste aldera. Eguberrietan ere oro har erkidegoko sartu-irtenak mugatuta mantentzearen alde daudela adierazi du.
2020-12-2
https://www.berria.eus/albisteak/190598/adingabeen-kontrako-sexu-abusuak-aztertzeko-lantalde-bat-eratuko-du-eusko-legebiltzarrak.htm
Gizartea
Adingabeen kontrako sexu abusuak aztertzeko lantalde bat eratuko du Eusko Legebiltzarrak
Talde guztien babesarekin eratuko dute batzorde txostengilea. Adituen eta biktimen lekukotzak entzungo dituzte.
Adingabeen kontrako sexu abusuak aztertzeko lantalde bat eratuko du Eusko Legebiltzarrak. Talde guztien babesarekin eratuko dute batzorde txostengilea. Adituen eta biktimen lekukotzak entzungo dituzte.
EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk aurkeztutako ekinbidea aho batez onartu dute Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean. Bertan sortuko dute lantaldea, helburu honekin: haur eta nerabeen sexu indarkeriako kasuak aztertzea, prebenitzea eta biktimei ordaina ematea. Joan den legealdian hasitako lanei jarraipena emango die batzorde berriak. Izan ere, hauteskundeak zirela medio, bertan behera geratu ziren batzordearen lanak, eta talde hura berreskuratu eta berriro martxan jarri nahi dute orain. Adingabeen aurkako sexu abusuen inguruko txosten bat landuko du lantaldeak, eta bertan, sexu abusuak prebenitzeko, gertatukoari buruzko egia bilatzeko eta biktimei ordaina emateko proposamenak jasoko dituzte. Halakorik berriro gerta ez dadin bermatzeko mekanismoak zehaztuko dituzte, halaber. Biktimei ordaina emateko tresnei dagokienez, arreta eta laguntza emateko bide ezberdinak aztertuko dituzte. Eva Juez EAJko legebiltzarkideak gaur goizean azpimarratu du garrantzitsua dela biktimei «ahotsa» ematea aurrera egin nahi bada. «Sexu abusuen biktimei entzutea ezinbestekoa da haien mina konpontzeko eta prebenitzeko». Oihana Etxebarrieta EH Bilduko legebiltzarkideak, berriz, eskerrak eman dizkie joan den legealdian euren lekukotzak eman zituzten adingabeei, eta azaldu du ponentziaren asmoa dela lekukotza horiek «politika publiko» bilakatzea. Elkarrekin Podemoseko Miren Gorrotxategik ezinbestekotzat jo du biktimei «benetako erreparazioa» ematea, eta PPko Laura Garridok joan den legealdiko lanekin jarraitzeko galdegin du.
2020-12-2
https://www.berria.eus/albisteak/190599/jon-ander-cob-eta-julen-goikoetxea-kalera-irten-dira-baimenarekin.htm
Politika
Jon Ander Cob eta Julen Goikoetxea kalera irten dira, baimenarekin
Altsasuko Gurasoak taldeak sare sozialetan jakinarazi duenez, bigarren graduan diren bi gazteek espetxean egingo dute lo, eta asteburuak kartzelan egin beharko dituzte
Jon Ander Cob eta Julen Goikoetxea kalera irten dira, baimenarekin. Altsasuko Gurasoak taldeak sare sozialetan jakinarazi duenez, bigarren graduan diren bi gazteek espetxean egingo dute lo, eta asteburuak kartzelan egin beharko dituzte
Espetxe zigorrak izan zituzten zazpi gazteak egoera desberdinetan daude egun. Haietatik bost hirugarren graduan daude, eta Jon Ander Cob eta Julen Goikoetxea, bigarren graduan. Altsasuko Gurasoak taldeak sare sozialetan jakinarazi duenez, lehen aldiz Zaballako espetxetik atera ahal izan dira. Lan egiteko edo ikasteko espetxea utzi dezakete, baina gauez bertan egin beharko dute lo, eta asteburua ere han iragan beharko dute. Baimen hori baieztatu zuen azaroan Jose Luis Castro Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaileak. Bi gazteak Psikologia ikasketak egiten ari dira, urruneko unibertsitatean. Defentsak aurkeztutako helegiteak onartu, eta Espetxe Erregimeneko legeko 100.1 artikuluan jasotako malgutze neurrietara jotzeko aukera eman zien epaileak, auto banatan. Biek zazpi urte eta erdiko zigorra dute, eta 2018ko ekainean kartzelatu zituzten.
2020-12-2
https://www.berria.eus/albisteak/190600/arcelor-mittalen-erregulazioa-baliogabetu-du-espainiako-auzitegi-nazionalak.htm
Ekonomia
Arcelor Mittalen erregulazioa baliogabetu du Espainiako Auzitegi Nazionalak
Epaileek uste dute altzairugileak «iruzurra» egin zuela erregulazioa justifikatzeko.
Arcelor Mittalen erregulazioa baliogabetu du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Epaileek uste dute altzairugileak «iruzurra» egin zuela erregulazioa justifikatzeko.
Espainiako Auzitegi Nazionalak baliogabetu egin du Arcelor Mittalek maiatzean indarrean jarritako ABEE aldi baterako enplegu erregulazioa. Epaileen arabera, «iruzurra» egin zuen altzairugintza enpresak, ez baitzuen nahiko argudio eman erregulazioa eskatzeko, eta sindikatuei ez baitzien nahiko informazio eman enpresaren egoerari buruz. ELAk aurkeztu zuen ABEEaren aurkako helegitea, eta ondoren batu ziren LAB, CCOO, UGT eta LSB-USO sindikatuak. «Oso pozik» dagoela azaldu du ELAk, nahiz eta auzitegiak ez duen onartu bere salaketaren beste argudioa baliogabetzeko eskatzea, hau da, negoziazioan Euskal Herriko lantegien ordezkaritza alde batera utzi izana —Asturiasko ordezkariekin soilik negoziatu zuen—. Epaiaren arabera, langileek maiatzaren 8a baino lehenagoko egoerara itzuli behar dute, orduan sartu baitzen indarrean. Abenduaren 31n amaituko da, eta Espainiako adarreko 8.236 langileri eragiten die, horietako asko Euskal Herrian. Altzairuaren multinazionalak iragarri du Espainiako Auzitegi Gorenera joko duela. 2009tik indarrean dagoen ABEE bat ere badu konpainiak.
2020-12-2
https://www.berria.eus/albisteak/190601/kalamua-droga-arriskutsuen-zerrendatik-kendu-du-nbek.htm
Gizartea
Kalamua droga arriskutsuen zerrendatik kendu du NBEk
Osasunaren Mundu Erakundeak eskatuta, landarearen osagaien balioa onartu du Nazio Batuen Erakundeak. Edonola ere, kontrolatu beharreko zerrendan jarraituko du.
Kalamua droga arriskutsuen zerrendatik kendu du NBEk. Osasunaren Mundu Erakundeak eskatuta, landarearen osagaien balioa onartu du Nazio Batuen Erakundeak. Edonola ere, kontrolatu beharreko zerrendan jarraituko du.
Erabaki historikoa hartu du gaur Nazio Batuen Erakundeko Droga Narkotikoen Batzordeak Vienako egoitzan: kalamua eta haren erretxina —haxixa, alegia—, droga arriskutsuenen zerrendatik ateratzea erabaki du, gehiengo sinplez eta eztabaida sutsu baten ondoren. Kalamua, orain arte, 1961. urtean onarturiko Drogen Inguruko Itunaren IV. atalean zegoen sailkatuta, heroinarekin batera. Zerrenda horretan daude arrisku handikotzat eta medikuntzarako balio txikikotzat jotzen diren gaiak. Kalamua itunaren I. atalean ere bazegoen sartuta, sendatzeko ahalmena izan arren kontrolatu beharrekotzat jotzen diren gaiekin. Gaurtik aurrera, azken zerrenda horretan egongo da bakarrik. Europako Batasuneko estatu guztiek kalamuaren inguruko kontrola arintzearen alde bozkatu dute, Hungaria kenduta. Herrialde horretan Viktor Orban eskuin muturreko lehen ministroaren Fidesz alderdia dago agintean. Afrikako eta Asiako herrialde gehienek kontra bozkatu dute, baina Indiak eta Marokok, alde. Kontra bozkatu dutenek —Errusia, Txina, Kuba, Egipto, Pakistan eta Venezuela tartean— argudiatu dute erabakiak normaldu egingo duela kalamuaren kontsumoa, eta ez dituela kontuan hartzen osasunari eragin diezazkiokeen kalteak, besteak beste burukoari. Azkenean 27-25 nagusitu dira erabakiaren aldekoak, Ukrainaren abstentzioarekin. Osasunaren Mundu Erakundearen jarrera erabakigarria izan da bozketan. Duela ia bi urte, kalamuak sendatzeko dituen gaitasunak onartu zituen OMEk, eta IV. zerrendatik kentzeko gomendatu zuen. Eboluzio nabarmena egon da azken urteotan gizartean, kalamuari dagokionez. 2018an, Suitzako Lidl supermerkatu kateetan kalamua duten zigarretak salgai jarri zituzten, baita estankoetan ere, Zurichen eta Bernan. Saltzen den kalamuak mugatua du THC osagaia, hau da, tetrahidrokanabinola, kalamuaren gai psikotropikoa. Baina kanabidiol kontzentrazio handia dute. THCa ez bezala, kanabidiola (CBD) legezkoa da, edo, behintzat, ez dago horren jazarrita, ez delako psikotropikotzat jotzen. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera (OME), ez du eraginik, ez da osasunarentzat kaltegarria, eta ez du menpekotasunik sortzen. Edonola ere, medikuntzarako balio handiko osagaia da, besteak beste analgesikotzat eta antiinflamatoriotzat jotzen dutelako, eta antsietatearen kontrako gaitzat. Aritz Aranburu surflariak egunkari honetan bertan kontatu zuen joan zen astean denbora daramala CBDa erabiltzen, eta horrekin eduki duen esperientziaren berri eman zuen. NBEk gaur harturiko erabakiak kalamuak medikuntzarako ematen dituen aukerak ikertzeko lanean asko lagunduko duela espero da. Izan ere, orain arte oso mugatuta zegoen ikerketa debekuengatik, eta herrialde bakoitzaren lege ezberdinengatik. Adituen arabera, ordea, aldaketak ez du berehalako eraginik, horren inguruko legeak estatuek aldatu behar dituztelako. Edonola ere, balio sinboliko handia du, garaipen handia da kalamua zigorgabetzearen aldeko ekintzaileentzat, eta eragin handia edukiko du aurrerantzean.
2020-12-2
https://www.berria.eus/albisteak/190602/ostalariek-ez-dute-terrazen-purgatoriotik-igaro-nahi-tabernak-ireki-ahal-izateko.htm
Ekonomia
Ostalariek ez dute terrazen purgatoriotik igaro nahi tabernak ireki ahal izateko
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ostalariek zubi ostean irekitzeko esperantza dute, baina izkin egin nahi diote terrazen fase posible bati.
Ostalariek ez dute terrazen purgatoriotik igaro nahi tabernak ireki ahal izateko. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ostalariek zubi ostean irekitzeko esperantza dute, baina izkin egin nahi diote terrazen fase posible bati.
Abenduaren 10a begiz jota dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ostalariek. Eusko Jaurlaritzak abenduko zubi osteko garaiari nola heldu nahi dion azaltzen duen idatzi batean enpresa afariei erreparatzen die, eta «egiten badira, egiten diren lokalen gaitasunaren arabera» egingo direla zehazten du. Alegia, etsipenak hartutako milaka ostalarik badakite litekeena dela abenduaren 10az geroztik taberna eta jatetxeak irekitzea Jaurlaritzaren eskumeneko hiru lurraldeetan. Baina nolakoa izango da zabaltze hori? Hor dago koska. Nafarroako ostalariek, itxiera luze baten ostean, terrazen aukera baizik ez dute gaur arte, eta ostalariak beldur dira Gasteizko gobernuak ere soilik terrazak zabaltzeko fase bat hobetsiko ote duen. Izan ere, ohartarazi dute irekitze horrek soilik negozio gutxi batzuei egingo liekeela mesede; «gehientzat agonia luzatzea litzateke». Tabernen barrualdean zerbitzatzea baimentzen duen irekitzea baizik ez dute nahi ostalariek, jakinda lokalen mugak eta bezero arteko tarteak zorrotz zaindu beharko direla. Gaitasunaren erdira Terraza jartzeko aukera dutenentzat ere, terrazak alternatiba izateari uzten baitiote neguan. Azaroa epel joan da, eguzki izpi atseginez lagundurik egun askoan, baina aurreikuspenak dio euri garaia hasiko dela aurki, eta hotz hezea ez da bateragarria terrazetan egotearekin, ez bada babes handiko guneetan eta inbertsioa eskatzen duten berogailuekin. Horiek horrela, Arabako SEA patronalak abenduaren 9an ostalaritza irekitzeko eskatu du; lokalen gaitasunaren erdiarekin nahi ditu zabalik taberna eta jatetxeak, bezeroak mahaietan eserita eta terrazek %100eko gaitasuna dutela. Are, patronalak dio Jaurlaritzak etxeratze agindua 23:00ak arte luzatu behar duela, ostalaritzako negozioak zabalik egon daitezen 22:00ak arte. «Negozioek egin ahalak eginda, bizirik irauteko aukera izan dezaten» nahi ditu aldaketa horiek SEAk, eta Jaurlaritzari neurriok lehenbailehen har ditzan esan dio. «Itxiera gehiago luzatzeak ostalaritza irekitzen azken erkidegoa bihurtuko luke Euskadi». Nafarroako ostalariek ere garbi utzi dute, berriro beste manifestazio handi batekin, ez dutela itxaron nahi abenduaren 16ra arte negozioen barrualdea zabaltzeko, «katastrofe bat delako hau». Ordu arte ezarri du Nafarroako Gobernuak soilik terrazekin aritzeko agindua. Nafarroako Ostalaritza Elkarteko presidente Ana Beriainek uste du jadanik badirela baldintzak lokalak irekitzeko. «Kutsatze datuak ez dira txarrak eta beste erkidegoak abenduaren 9an irekitzeko bidean daude». Ipar Euskal Herrian, tabernariek ez dute arrastorik Frantziako Gobernuaren asmoei buruz. Jatetxeak urtarrilaren 20tik aitzina irekitzeko asmoa erakutsi du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak; ostatuentzat, or
2020-12-2
https://www.berria.eus/albisteak/190603/ahotsak-ek-adierazi-du-bakea-ez-dela-indarkeriarik-eza-bakarrik.htm
Politika
Ahotsak-ek adierazi du bakea ez dela «indarkeriarik eza bakarrik»
Taldea sortu eta hamabortz urtera, Euskal Herriko 78 emakumek oroitarazi dute gatazken konponbideetan andreek «ezinbesteko partaide» izan behar dutela. Bortz puntuko adierazpen bat osatu dute. Bertzeak bertze nabarmendu dute bizikidetzaren bidean emakumeek «gertatutakoaren kontakizun inklusiboa eta egiazkoa egiteko» lan egin behar dutela.
Ahotsak-ek adierazi du bakea ez dela «indarkeriarik eza bakarrik». Taldea sortu eta hamabortz urtera, Euskal Herriko 78 emakumek oroitarazi dute gatazken konponbideetan andreek «ezinbesteko partaide» izan behar dutela. Bortz puntuko adierazpen bat osatu dute. Bertzeak bertze nabarmendu dute bizikidetzaren bidean emakumeek «gertatutakoaren kontakizun inklusiboa eta egiazkoa egiteko» lan egin behar dutela.
«Emakumeok bakearen aldeko eragile aktiboak izan behar dugu, eta itxaropenezko etorkizuna argitu nahi duten gatazkak konpontzeko prozesu guztietan ezinbesteko partaide». Horrelaxe abiatzen da Ahotsak-ek sustatu eta Euskal Herriko 78 emakumek sinaturiko adierazpena. Lehen puntua da, baina ongi aski laburbiltzen du gaur Donostian irakurri duten adierazpenaren helburua: emakumeak gatazkaren konponbideen parte izatea nahi dute, eta haien ahotsa eta ekarpenak entzunaraztea. Ahots horren zati bat, adierazpenaren bosgarren puntuan jasotakoa, hau da: bakea ez dela «indarkeriarik eza» bakarrik. Hau da, «bakea finkatzeak bake positiboaren aldeko apustua egitea» dakarrela. Sinatzaileen ustez, hain zuzen, «bakeak demokrazia, justizia soziala eta eraldaketa» ere erran nahi ditu: «Bakea alde horretatik ulertzeko gai bagara bakarrik izango gara gai norgehiagoka gehienak gainditzeko». Duela hamabortz urte sortu zen Ahotsak Euskal Herriko politikarien elkarrizketarako taldea, eta, joan den astean talde haren ekarpena txosten batean bilduta, Emakumeak bake prozesuetan jardunaldiak egin dituzte gaur Donostiako Kursaalean, Foro Sozial Iraunkorrarekin batera. Jardunaldien hasieran Ahotsak-eko sustaitzaleek hartu dute hitza, taldearen sorrera eta egindako ekarpenak azpimarratzeko. Ainhoa Aznarez Ahal Dugu-ko kide eta 2015etik 2019ra Nafarroako Parlamentuko presidente izandakoak, erraterako, gogoratu du Ahotsak-en esperientziak ahalbidetu ziela Nafarroako alderdi politiko ezberdinetako emakumeei elkartzea —orduan PSNko kide gisa Iruñeko zinegotzia zen Aznarez—: «Ulertu genuen ezin dela mahai batean eseri beste aldean dagoena entzun gabe. Horrek zigorra ere izan zuen, noski». Izan ere, Aznarezen hitzetan, horietako anitzek ez zituzten ardura postuak eduki hurrengo legealdietan. Atzo irakurritako adierazpenaren sustatzaileen artean dago Aznarez; eta, harekin batera, Gemma Zabaleta, Jone Goirizelaia, Eisabette Piñol, Kontxi Bilbao, Esther Larrañaga, Onintza Lasa eta Nekane Altzelai. Gibelean, izenpetzaile zerrenda luzea, alderdi, erakunde eta arlo anitzetakoak: batzuk aipatzearren, Sylvaine Alaux, Itxaso Atutxa, Maddalen Iriarte, Rafaela Romero, Garbiñe Biurrun, Patrizia Velez, Anaiz Funosas, Garbiñe Aranburu, Izaskun Landaida, Aitzpea Leizaola, Anita Lopepe, Bakartxo Tejeria, Bel Pozueta eta Nagore Iturrioz, bertzeak bertze. Elkarrizketaren alde Gatazken konponbidean elkarrizketak duen garrantzia nabarmendu dute jardunaldietan, eta, hain justu, horri egiten diote erreferentzia adierazpenaren bigarren eta hirugarren puntuek. Bigarrenak dio, hain justu, gatazkak konpontzeko prozesuetan ezarri beharreko metodologia «elkarguneak bilatzea» dela, «desberdintasunetan soilik sakontzen duten jarreretan erori gabe». «Topaketaren eta elkarrizketa erabakitzailearen aldeko militantzia» behar dela nabarmentzen dute sinatzaileek, «alderdi lerroetatik harago». Hirugarren puntuan, berriz, «besteek duten egia entzun» behar dela azpimarratzen dute, eta «edozein gatazka konpontzeari ekin behar zaiola, demokrazia gehiago eta hobea oinarri hartuta: proiektu politiko guztiak prozedura demokratiko eta politiko itunduen bidez defendatu eta gauzatu ahal izatea ahalbidetuko duen demokrazia». Laugarren puntuan, azkenik, «edozein gatazka konpontzen lagundu behar duen helburua» bizikidetza dela nabarmentzen du testuak: «Eta prozesu horretan ere, emakumeok lan egin behar dugu gertatutakoaren kontakizun inklusiboa eta egiazkoa egiteko, etorkizun partekatu baten oinarriak senti ditzan». Sinatzaileen arabera, «edozein gatazkaren zatiketak eta minak izan behar du orainaren eta etorkizunaren elkarrizketa eta ulermena eraikitzeko ahalmena».
2020-12-2
https://www.berria.eus/albisteak/190604/2020a-inoiz-erregistraturiko-hiru-urterik-beroenetako-bat-izango-da.htm
Mundua
2020a inoiz erregistraturiko hiru urterik beroenetako bat izango da
Pandemiak eta ‘La Niña’ fenomenoak ez dute aldatu joera, Munduko Meteorologia Erakundearen arabera. Kalkulatu du aurtengo tenperatura 1,2 gradu beroagoa dela industria aurreko aroan baino.
2020a inoiz erregistraturiko hiru urterik beroenetako bat izango da. Pandemiak eta ‘La Niña’ fenomenoak ez dute aldatu joera, Munduko Meteorologia Erakundearen arabera. Kalkulatu du aurtengo tenperatura 1,2 gradu beroagoa dela industria aurreko aroan baino.
Datorren urte hasiera arte itxaron beharko da kopuru zehatza jakiteko, baina zalantzarik ez dago 2020a inoiz erregistraturiko hiru urterik beroenetako bat izango dela, iazkoarekin eta 2016arekin batera. Munduko Meteorologia Erakundearen arabera, koronabirusaren pandemiak eta ozeanoak izozten dituen La Niña fenomeno meteorologikoak ez dute eraginik izan, eta joerak bere horretan jarraitzen du: aurtengo tenperatura 1,2 beroagoa izaten ari da industria aurreko aroan baino. «Tamalez, 2020a ezohiko beste urte bat izan da gure klimarentzat. Muturreko tenperaturak izan dira lurrean, itsasoan eta, batez ere, Artikoan», adierazi du Petteri Taala Munduko Meteorologia Erakundearen idazkari nagusiak, txostenaren berri emateko bidalitako oharrean. Datuek are gehiago handitu dute klimaren egoerari buruzko kezka, baina, urteotako tenperaturak alde batera utzita, arreta azken hamarkadan dago jarria, inoizko beroena izatekotan baita, batez ere 2015etik honako igoerengatik. Aurten ere tenperaturak gora egitea eragin duten arrazoien artean daude mundu osoko oihanetan eta hainbat herrialdetan izandako suteak; Australiakoak, Siberiakoak (Errusia), Ameriketako Estatu Batuetako mendebaldeko kostakoak eta Hego Amerikakoak dira, kasurako, berotegi efektuko gasen isuriak handitu dituztenak. Artikoan izandako tenperaturak ere aipatu dituzte txostenean, 5 gradu igo baitira batez beste. Errusiako Verkhoiansken kasua da egoeraren adierazgarri, iragan ekainaren 20an 38 gradura iritsi baitziren; zirkulu polar artikoaren iparraldean inoiz izandako tenperaturarik beroena da, Munduko Meteorologia Erakundearen arabera. Izotz kopuruan ere beherakada izan da: Groenlandian, esaterako, 152 mila milioi tona galdu dira; Antartikoan, berriz, kopuruak ez du aldaketa handirik jasan. Horri lotuta, erakundeak itsasoaren mailan ere nabaritu du aldaketarik: 1993az geroztik, hiru milimetro handitzen da urtero, eta, txostenean behin betiko daturik eman ez duen arren, jakinarazi du iazkoaren antzekoa izango dela. Horrek, noski, eragina izan du gizakiengan, eta aurten «10 milioi iheslari klimatiko gehiago» izan dira munduan soilik lehen seihilekoan; batez ere, Asia hegoaldean eta Afrikako Adarrean, uholdeek bultzatuta. Munduko Meteorologia Erakundeak datorren martxoan jakinaraziko ditu 2020ko tenperaturei buruzko behin betiko emaitzak, eta orduan esango du aurtengoa bero handiena egin duen bigarren ala hirugarren urtea izango den, oraintxe bertan iazkoarekin nahiko berdinduta baitago. Halere, txostenean ohartarazi du pandemiak sorturiko krisi ekonomikoak zaildu egingo duela klima larrialdiari aurre egiteko beharrezkoak diren neurriak sustatzea. Parisko Klima Akordioaren helburua da tenperatura igoera 2 graduren azpian geratzea mendea amaitzen denerako, eta, posible balitz, 1,5 gradu baino gehiago ez igotzea, industria aurreko arokoekin konparatuz gero. Hori lortzeko, NBE Nazio Batuen Erakundeak ohartarazia du 2050erako beharrezkoa izango dela karbono neutraltasuna lortzea; ekonomia guztian egin beharko lirateke ahaleginak, eta derrigorrezkoa litzateke portaerak aldatzea ere. Izan ere, helburu horri begira, 2010ekoak baino %45 txikiagoak izan behar dute isuriek 2030erako; hala, beroketa globala 1,5 gradutik behera mantentzeko aukerak %50ekoak lirateke. Txostenak jakinarazitakoaz, NBEren idazkari nagusi Antonio Guterresek adierazi du «planeta hautsita» dagoela, eta «gizakia naturaren aurkako gerra batean» dagoela.
2020-12-2
https://www.berria.eus/albisteak/190605/gizon-bat-espetxeratu-dute-bikotekide-ohia-bortxatzea-egotzita.htm
Gizartea
Gizon bat espetxeratu dute, bikotekide ohia bortxatzea egotzita
Durangaldeko herri batean gertatu zen erasoa atzo arratsaldean. Emakumeak jarri du salaketa.
Gizon bat espetxeratu dute, bikotekide ohia bortxatzea egotzita. Durangaldeko herri batean gertatu zen erasoa atzo arratsaldean. Emakumeak jarri du salaketa.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Ertzaintzak 49 urteko gizon bat atxilotu du gaur goizaldean Bilbon, bikotekide ohiari sexu eraso bat egitea leporatuta. Biktimak berak jarri du salaketa; haren arabera, atzo arratsaldean gertatu zen erasoa, emakumearen etxean, Durangaldeko herri batean (Bizkaia): andreak salatu du sexu harremanak izatera behartu zuela gizonak. Ertzaintzak gaur eguerdian eraman du atxilotua epailearen aurrera, eta espetxera bidaltzea erabaki du hark, sexu askatasunaren aurkako delitu bat egotzita.
2020-12-2
https://www.berria.eus/albisteak/190606/eguberrietan-erkidego-batetik-bestera-joatea-baimenduko-da-familiarekin-elkartzeko-bada.htm
Gizartea
Eguberrietan erkidego batetik bestera joatea baimenduko da, familiarekin elkartzeko bada
Espainiako Gobernuak akordioa hitzartu du autonomia erkidegoetako osasun agintariekin egin duen bileran
Eguberrietan erkidego batetik bestera joatea baimenduko da, familiarekin elkartzeko bada. Espainiako Gobernuak akordioa hitzartu du autonomia erkidegoetako osasun agintariekin egin duen bileran
Lehengo astean akordiorik gabe bukatu zen Espainiako Gobernuak eta autonomia erkidegoetako osasun agintariek, COVID-19a kontrolpean izate aldera, Eguberrietarako plan bateratu bat ontzeko egin zuten bilera; baina gaur bat etorri direla adierazi dute. Eguberrietako familia topaketetara begira, baimendu egingo dira Gabonetako jaiegunetan erkidego batetik bestera joateko bidaiak; Urtezahar gauean eta Gabon gauean 01:30 arte etxeratu beharrik ez da izango; familia topaketetan, oro har, hamar pertsona baino gehiago ez elkartzeko irizpidea emango da, eta bertan behera geratuko dira Erregeen desfilea, Olentzerori ongietorria emateko egiten diren ekitaldiak eta Gabonetako usadiozko ospakizun guztiak, jende pilaketak saihestu egin behar baitira. Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik poza adierazi du akordioaren harira. Goizean, Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilari Santos Indurainek ere akordioaren garrantzia nabarmendu du. Herritarrek hartzen diren neurrien artean «koherentzia» dagoela sentitzeak berebiziko garrantzia duela nabarmendu du. Neurriak, hein batean, aurrez Jaurlaritzak berak iragarritakoekin bat datoz, eta irizpide horiekiko adostasuna adierazia zuen Nafarroako Gobernuak ere.
2020-12-2
https://www.berria.eus/albisteak/190607/urtarrilaren-6an-emanen-dute-urrutikoetxearen-estradizioari-buruzko-erabakia.htm
Politika
Urtarrilaren 6an emanen dute Urrutikoetxearen estradizioari buruzko erabakia
Gaur iragan da Luis Hergetaren (1980) hilketari buruzko estradizioa aztertzeko auzi saioa, Parisko Dei Auzitegian. Defentsaren abokatuak estradizioaren aurka egin du, eta fiskaltzak, berriz, informazio gehigarria eskatu du.
Urtarrilaren 6an emanen dute Urrutikoetxearen estradizioari buruzko erabakia. Gaur iragan da Luis Hergetaren (1980) hilketari buruzko estradizioa aztertzeko auzi saioa, Parisko Dei Auzitegian. Defentsaren abokatuak estradizioaren aurka egin du, eta fiskaltzak, berriz, informazio gehigarria eskatu du.
Josu Urrutikoetxea Espainiaratzeari buruzko lau auzietatik bat iragan da gaur Parisko Dei Auzitegian, Luis Hergetaren (1980) hilketari buruzkoa, eta epaileak jakinarazi du urtarrilaren 6an emanen duela erabakia. Defentsaren abokatuak estradizioaren aurka egin du auzi saioan, eta fiskalak, berriz, informazio gehigarria eskatu du. Azaroan zen egitekoa auzia, baina, atzeratuta, gaur egin dute. Guztira bi euroagindu eta bi estradizio eskaera eginak dizkio Espainiak Urrutikoetxeari. 1987ko abenduan ETAk Zaragozako (Espainia) Guardia Zibilaren kuartelaren kontra egindako atentatuaren auzian estradizioa onartu zuen Dei Auzitegiak urtarrilean. Defentsak helegitea jarri zuen Kasazio Auzitegian, eta azaroaren 17an eman zuten erabakiaren berri: Espainiaratzea onartu du auzitegiak. Herriko tabernen auziagatik ere Espainiaratzea onartu zuen Kasazio Auzitegiak azaroan, euroagindu eskaerari erantzunez. Barajasko auziagatiko euroagindu eskaera atzera bota zuen Dei Auzitegiak uztailean, ordea. Hergetarena ebaztea falta da. Euroagindu eta estradizio eskaerez gain, bi epaiketa ditu Frantzian Urrutikoetxeak. Horietako bat otsailera gibelatu zuten, eta bertzea instrukziora bidali du epaileak.
2020-12-3
https://www.berria.eus/albisteak/190637/valery-giscard-destaing-frantziako-presidente-ohia-hil-da.htm
Mundua
Valery Giscard d'Estaing Frantziako presidente ohia hil da
1974tik 1981era izan zen estatuburu. 94 urterekin hil da, COVID-19aren eraginez.
Valery Giscard d'Estaing Frantziako presidente ohia hil da. 1974tik 1981era izan zen estatuburu. 94 urterekin hil da, COVID-19aren eraginez.
Valery Giscard d'Estaing zazpi urtez izan zen Frantziako presidente, 1974tik 1981era. Atzo gauean hil zen, 94 urterekin, COVID-19aren eraginez. Boterera iritsi zenean, Frantziaren historiako presidenterik gazteena bihurtu zen, eta kargua utzita ere estatuko eskuinaren ahotsik garrantzitsuenetako bat izan zen. Azken hilabeteetan hainbat aldiz ospitaleratu zuten. Giscard 48 urterekin iritsi zen estatuburu izatera, eta zazpi urte egin zituen karguan, François Mitterrandek bozetan garaitu zuen arte. Aurrez, 1956an hautatu zuten lehen aldiz parlamentari, eta Ekonomia eta Finantza ministro izan zen bi bider, 1962-1966 eta 1669-1974 epeetan, Charles de Gaullen eta Georges Pompidoren agintaldietan. Liberal bat arlo ekonomiko eta sozialean. Haren agintaldian onartu ziren, besteak beste, abortuaren despenalizazioaren erreforma, dibortziatzeko araudiaren leuntzea eta bozkatzeko eskubidea 18 urtera jaistea. Era berean, Afrikan eginiko esku hartzeekin lotutako ustelkeria kasuek markatu zuten agintaldi hura. Izan ere, Afrika Erdiko Errepublikako lider Jean Bedel Bokassak Giscardi diamante batzuk oparitu zizkiola jakin zen, hura Ekonomia ministro zela. Halere, haren europarzaletasuna izan da ondoriorik nabarmenenak utzi dituena, EB Europako Batasunaren bultzatzaile nagusietako bat izan baitzen. Alemaniako kantziler Helmut Schimdtekin batera, G-7koen foro ekonomikoaren sortzaileetako bat izan zen, eta Maastrichteko hitzarmenaren atzean egon zen kideetako bat. Gerora ere, Europaren Etorkizunerako Batzordeko presidente izan zen. Talde hura arduratu zen Europako Batasuneko Konstituzio proiektua idazteaz, 2003an. Horregatik, bere desadostasuna adierazi zuen Frantziako herritarrek haren aurka egin zutenean, 2005eko erreferendumean. Azken urteetan ere politikari lotuta jarraitu du, besteak beste, Frantziako Batzorde Konstituzionaleko kide izan da azken egunera arte. Bere osasun egoerak, baina, okerrera egin zuen iaz, eta bere azken agerraldia Jacques Chirac presidente ohiaren hiletan izan zen. Halere, hedabideetan agertzen jarraitu du. Izan ere, kazetari alemaniar batek sexu abusuak egin izana leporatu zion. Hainbat aldiz ospitaleratu zuten azken hilabeteetan, biriketako arazoengatik. Iazko azaroan, bihotzeko arazo bat ere topatu zioten. Horri COVID-19a atzeman izana gehitu zitzaion azken asteetan. Frantziako hedabideek zabaldu dutenez, Toursen zuen etxebizitzan hil da. Albistearen berri izatean Frantziako Asanbladak minutu bateko isilunea egin zuen. Frantziako presidente ohi Nicolas Sarkozyk «tristura» adierazi du «Frantzia ondratu zuen gizon bat» izan zela gogoratuta. Bide beretik, Mitterrandek Frantzia «modernizatu» izana eskertu dio, eta bere europarzaletasuna txalotu: «Liberalismo aurreratu baten aldeko, bere alderdiaren zati baten kontserbadurismoaren eta ezkerrak irudikatzen zuen aldaketa nahiaren aurka jo zuen». Nafarroa Behererako bisita Presidente zela Nafarroa Beherera bisita bat egin zuen Giscardek, Arhantsusi herrira, 1976ko maiatzaren 27an. Presidenteak bazkaltzera gonbidatu zituen herritarrak, presidentea hautatzeko hauteskundeetako bigarren itzulian jaso zituen botoak eskertzeko; dirudienez, Arhantsusiko herritar guztiek haren alde bozkatu zuten. Bithindarrak taldeak aurresku bat eskaini zion presidenteari.
2020-12-3
https://www.berria.eus/albisteak/190638/frappart-lehen-emakumezko-epailea-gizonezkoen-txapeldunen-ligan.htm
Kirola
Frappart, lehen emakumezko epailea gizonezkoen Txapeldunen Ligan
Juventusen eta Dinamo Kieven arteko partidan egin ditu epaile lanak, bart. Halako marka ugari ezarri ditu azken urtean.
Frappart, lehen emakumezko epailea gizonezkoen Txapeldunen Ligan. Juventusen eta Dinamo Kieven arteko partidan egin ditu epaile lanak, bart. Halako marka ugari ezarri ditu azken urtean.
Txapeldunen Ligaren historian sartu zen bart Stephanie Frappart. Epaile lanak egin zituen Juventusen eta Kieveko Dinamoren (3-0) arteko partidan, eta gizonezkoen txapelketan lan hori egiten duen lehen emakumea bilakatu da horrela. Halere, jada bazen futbolaren historiaren parte. Frappartek 37 urte ditu, eta baditu aurrez ezarritako beste marka batzuk ere. Iaz, gizonezkoen Europako txapelketa baten epaile izan zen, Liverpoolen eta Chelsearen arteko Europako Superkopako partidan. Hori ez da bakarra. Frantziako Ligan ere aitzindari izan zen, Amiens eta Estrasburgoren arteko partidan, baita selekzioen arteko partidetan ere, Malta eta Letoniaren arteko Nazioen Ligako partidan. Goi mailako beste bi norgehiagokatan ere egin ditu arbitro lanak, Europa Ligakoak biak. Emakumezkoen futbolean, iazko Munduko Kopako finala epaitu zuen. «Pribilegio bat, ohore bat eta ardura bat da. Espero dut nire ibilbideak emakume gazteei epaile lanetan parte hartzera bultzatzeko balio izatea», adierazi zuen iaz, elite mailan bere lehen urtea egin ostean.
2020-12-3
https://www.berria.eus/albisteak/190639/sagarduik-esan-du-hilaren-9an-aztertuko-dutela-gabonetarako-neurriak-nola-bete.htm
Gizartea
Sagarduik esan du hilaren 9an aztertuko dutela Gabonetarako neurriak nola bete
Madrilen hitzartutako neurriak «oinarrizko» puntu batzuk direla esan du; Nafarroan ere horietan oinarritutako erabakiak hartzeko agindu dute
Sagarduik esan du hilaren 9an aztertuko dutela Gabonetarako neurriak nola bete. Madrilen hitzartutako neurriak «oinarrizko» puntu batzuk direla esan du; Nafarroan ere horietan oinarritutako erabakiak hartzeko agindu dute
Abenduaren 9an aztertuko du Labi Babes Zibileko Planaren aholku kontseiluak ea nola ezarriko diren atzo Madrilen hitzartu zen planeko irizpideak; alegia, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izurriari aurre egiteko asmoz emandakoak. Plan horren arabera, erkidegoen arteko joan-etorriak mugatuta egongo dira Eguberrietan, eta soilik familiarteko topaketetarako onartuko dira bidaiak; 01:30 arte luzatuko da etxeratzeko ordua Gabon gauean eta Urtezahar gauean, eta debekatuta egongo da jende pilaketak eragin ohi dituen ekitaldi oro, edozein dela ere. Plan horretan «oinarrizko» puntu batzuk hitzartu zirela esan du gaur goizean Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik, eta hilaren 9an aztertuko direla horien gaineko zehaztapenak, egoera epidemiologikoari erreparatuta. «Pandemia baten erdian» egoteak dakarrena ezin dela ahantzi esan du Sagarduik, eta zorrotz jokatu behar dela. Ez du zehaztu, ordea, oinarrizko akordio horretan hitzartutako neurriak zorrozteko asmorik duenik: «Datorren astean jakingo dugu zein izango diren neurri horiek Euskadin, eta nola ezarriko diren». Atzoko bileraren aurretik ere esana zuen sailburuak erkidegoek era izan behar zutela «egokitzapenetarako», akordio zabal baten barruan, betiere. Neurriez harago, hala ere, begirada zabalagoa behar dela oroitarazi du: «Ez gaitezen gera neurri batean edo bestean, baizik eta egoera orokorrean». Nafarroako Gobernuak ere begi onez jo ditu atzo Espainiako Gobernuarekin hitzartutakoak; horiek oinarri hartuta, esan du hilaren erdialdera egingo dituela erkidegoari dagozkion zehaztapenak.
2020-12-3
https://www.berria.eus/albisteak/190640/hizkuntza-gutxituen-aldeko-proposamena-erregistratu-dute-espainiako-kongresuan.htm
Gizartea
Hizkuntza gutxituen aldeko proposamena erregistratu dute Espainiako Kongresuan
Hamar alderdik erregistratu duten legez besteko proposamenean, besteak beste, hau eskatu diote Espainiako Gobernuari: «gaztelania ez den berezko hizkuntzen» ofizialtasunerako estatutu erreformak susta eta babes ditzala.
Hizkuntza gutxituen aldeko proposamena erregistratu dute Espainiako Kongresuan. Hamar alderdik erregistratu duten legez besteko proposamenean, besteak beste, hau eskatu diote Espainiako Gobernuari: «gaztelania ez den berezko hizkuntzen» ofizialtasunerako estatutu erreformak susta eta babes ditzala.
Espainiako Kongresuan agerraldi bateratua egin zuten joan den otsailean euskararen, katalanaren, aragoieraren, asturieraren eta galizieraren alde ari diren eragileek —Euskal Herritik Kontseilua—, eta bilera egin zuten Espainiako Gobernua ahalbidetu zuten talde parlamentarioekin. Bertan eskatu zieten benetan berma zezatela estatuko hizkuntza aniztasuna, «berezko hizkuntza guztiei segurtasuna, bermea eta aitortza osoa» emateko. Konpromisoak hartzeko eskatu zieten eragileek alderdiei, eta berezko hizkuntzei eman ziezaietela benetako babesa. Pandemia iritsi zen, ordea, eta, orduz geroztik, ekinbide hori geldirik izan dute alderdiek. Gaur goizera arte. BNG, EAJ, EH Bildu, JxCat, PDCAT, ERC, CUP, Compromis, Mas Madrid eta Unidas Podemos alderdiek legez besteko proposamena erregistratu dute Espainiako Kongresuan «hizkuntza eskubideak eraginkorki erabiltzea ahalbidetuko duen politika aktiboak» eskatzeko. Izan ere, Espainiako estatuko herritarren %45 berezko hizkuntza duten lurraldeetan bizi dira, eta alderdiek erregistratutako testuak dio «milioika herritarrek normaltasunez» bizi nahi dutela, «edozein herritarrek gaztelaniaz bizitzeko dituen baldintza berdinetan». Hori guztia gaur egun «ezinezkoa denez», zortzi puntuko testua erregistratu dute honako hau eskatzeko, besteak beste: ekintzak abian jartzea «gaztelania ez diren berezko hizkuntzek» aitortza bera izan dezaten, eta hiztunek eskubide eta betebehar berberak izan ditzaten; berezko hizkuntza duten lurraldeetan diharduten langile publikoek hizkuntza jakitea bermatzea; errealitate eleaniztuna onar dezala gobernuak, eta estatuaren administrazioak hizkuntza ezberdinetan funtzionatzen duela berma dezala —besteak beste, Auzitegi Konstituzionalean, Auzitegi Gorenean, zein Gizarte Segurantzako erakundeetan—; berezko hizkuntzen ofizialtasunerako estatutu erreformak bultza eta babes ditzala hizkuntza horiek ofizialak ez badira hitz egiten diren lurraldearen zati batean, edo lurralde osoan; estatuko araudian dagoen «gaztelaniaren legezko inposizioa» bertan behera utz dezala; eta eremu linguistiko bera duten lurraldeetako administrazioek hizkuntza jatorrizko hizkuntza horietan lan egin ahal izatea ahalbidetzea. Berezko hizkuntzen ofizialtasuna babestea eta sustatzea aipatzen den puntu horrek eragina izan dezake Nafarroan. Euskara ez baita ofiziala lurralde osoan, eta hamar alderdiek Espainiako Kongresuan erregistratutako eskaerak ofizialtasuna eremu osoan ezartzeko erreforma ekar dezake. Kontseiluaren txaloa Egitasmoaren sustatzaileak eragile hauek izan ziren: Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua, Nogara, Iniciativa Pol Asturianu, A Mesa Pola Normalizacion Lingüistica, Accio Cultural del Pais Valencia, Ciemen, Escola Valenciana, Omnium eta Plataforma per la Llengua. Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok esan du berri ona dela alderdiek gaur aurkeztu duten legez besteko proposamena, eta gogora ekarri du puntu horiek oinarrian eragile horien denen testua dagoela. «Txalotu nahi dugu alderdiek guk egindako proposamenari baiezkoa eman eta aurrera eraman izana. Zinez uste dugu hau dela eragile desberdinen arteko lankidetzarako eredua». Kontseilutik diote, ordea, bidea ez dela amaitu. Hurrengo asteetan ekinbidea sustatu zuten eragileek agerraldi bateratua egiteko asmoa dute. Horrez gain, berriz ere harremanetan jarriko dira alderdiekin, hurrengo hilabeteetan legez besteko proposamenaren inguruan izango den eztabaidaz hitz egiteko.
2020-12-3
https://www.berria.eus/albisteak/190641/industriaren-ekoizpena-146-apalagoa-izan-da-urteko-lehen-hamar-hilabeteetan.htm
Ekonomia
Industriaren ekoizpena %14,6 apalagoa izan da urteko lehen hamar hilabeteetan
Urrian, ekoizpenak %7,9 egin du atzera iazko urriarekin alderatuta, Eustaten arabera. Industria ere pandemia gogor nozitzen ari dela islatzen du datuak.
Industriaren ekoizpena %14,6 apalagoa izan da urteko lehen hamar hilabeteetan. Urrian, ekoizpenak %7,9 egin du atzera iazko urriarekin alderatuta, Eustaten arabera. Industria ere pandemia gogor nozitzen ari dela islatzen du datuak.
Aurtengo apirilean behea jo zuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako industriaren ekoizpenak, itxiera handiarekin batera. Fabrikak itxiak zirela, erakusleak inoiz ez bezala egin zuen behera, eta, ordutik, gora egin du, batik bat udan indar berriturik. Urriak, ordea, erakutsi du pandemia gogor jotzen ari dela industria ere, eta %7,9ko apaltzea finkatu du urte arteko tasan. Irailaren aldean, %0,6 hazi da; alegia, kasik ez da aldaketarik egon. Okerrena da urteko lehen hamar hilabeteetan %14,6ko apaltzea izan dela iazko urteko epealdi berarekin alderatuta. Sektore handi guztiek islatzen dute eboluzio negatiboa, gainera. Energiak %26,8 egin du behera, eta hor sartzen dira, besteak beste, energia elektrikoaren hornidura eta petrolio fintzea. Urte arteko %6,8ko beherakada izan dute, era berean, bai tarteko ondasunek –haien artean daude altzairungintza, industria kimikoa eta kautxuzko eta plastikozko produktuen fabrikazioa– bai kontsumo ondasunek, oro har. Azken horien artean, %7,5 egin dute behera ondasun ez-iraunkorrek, eta iraunkorrak %3,7 apaldu dira. Besteak beste, kontsumo ondasun ez-iraunkorren artean jarduera hauek daude: elikagaien fabrikazioa, prozesatua eta kontserbazioa; garbitasunerako eta higienerako produktuen fabrikazioa, eta janzteko arropen jantzigintza. Kontsumo ondasun iraunkorren artean, berriz, altzarien eta etxeko aparatuen fabrikazioaren jarduerak daude. Azkenik, ekipamendu ondasunek %5 egin dute behera. Haien artean, hauek nabarmendu daitezke: ibilgailu motordunen fabrikazioa; lokomotorren eta trenbide materialaren fabrikazioa, eta eraikuntza aeronautikoa edo ontzigintza.
2020-12-3
https://www.berria.eus/albisteak/190642/eguberrietarako-gida-pandemia-garairako.htm
Gizartea
Eguberrietarako gida pandemia garairako
Asteazken arratsean Espainiako Gobernuak autonomia erkidegoetako osasun agintariekin negoziatutako neurriak iragarrita dauden honetan, zehaztu daiteke Gabonetan zer egin daitekeen eta zer ez
Eguberrietarako gida pandemia garairako. Asteazken arratsean Espainiako Gobernuak autonomia erkidegoetako osasun agintariekin negoziatutako neurriak iragarrita dauden honetan, zehaztu daiteke Gabonetan zer egin daitekeen eta zer ez
Aurtengoak Eguberri bereziak izango dira, zalantzarik gabe. Orain arteko neurriekin alderatuta, baldintzak leuntzea erabaki dute hala Madrilgo gobernuak nola Hego Euskal Herriko gobernuek. Asteazken arratsean, Madrilen eta erkidegoetako osasun agintarien lurralde arteko batzordean, neurriak ezarri ziren. Hona argibide nagusiak. Noiztik atera daiteke erkidegotik? Abenduaren 23tik urtarrilaren 6ra bitartean, senide edo gertukoak ikustera joan daiteke. Egun, kasurako, Nafarroatik eta EAEtik ezin da sartu edo irten, baina debeku hori bertan behera utziko egingo da epe horretan. Familia topaketak egin daitezke? Gertukoen eta senideen arteko topaketak ez dago debekatzerik. «Denok dakigu zer esan nahi dugun senide edo gertukoez ari garenean», esan du Salvador Illa Espainiako Gobernuko Osasun ministroak. Akordioak aholkatzen du soilik etxe bereko pertsonen arteko topaketak egitea Eguberrietan. Zenbat pertsona bil daitezke? Hamar gehienez. Egun, Hego Euskal Herrian sei laguneko bilkurak baino ez daude baimenduta, baina egun jakin batzuetan hamarrera igoko da kopurua: abenduaren 24an, 25ean, 31n eta urtarrilaren 1ean. Atera daiteke gauez? Bai. Akordioaren arabera, gehienez 01:30ak arte Gabon gauean eta Urtezahar gauean. Erkidegoek hori egokitzeko aukera izango dute, eta Hego Euskal Herriko bi gobernuek 01:00etan izatea proposatu dute —beraz, neurri hori egokitu dezakete—. Gainerako egunetan, orain arteko etxeratzeko aginduak jarraituko du indarrean: 23:00etan Nafarroan, eta 22:00etan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Kanpoan ikasten ari direnak itzul daitezke etxera? Bai. Nahiz eta etxe berekoekin soilik biltzeko gomendatu, itzul daitezke. Dena den, akordioak gogorarazten du kanpoan ikasten ari diren unibertsitate ikasleak «arrisku faktore» direla, batik bat etxean pertsona zaurgarriak egonez gero. Horregatik, gomendatzen zaie aurreko hamar egunetan prebentzio neurriak zorrozteko eta kontaktuak murrizteko. Itzultzean, etxeko burbuila errespetatzea eta jarduerak aire librean egitea gomendatzen zaie. Zahar etxeetako egoiliarrak atera daitezke? Ez du debekatzen. Gomendatzen da egonaldi luze bat eginez gero elkarbizitza burbuila egonkor bat sortzea. Itzultzean, proba egingo zaie, eta prebentzio neurriak zorroztu beharko dira. Zer gomendio ematen zaie erakundeei? Udalei gomendatzen zaie espazio publikoak ahalik eta gehien zabaltzea, jendeak eremu handiagoa izan dezan ibiltzeko eta distantzia gordetzeko. Garraio publikoaren kasuan, maiztasuna handitzea gomendatzen da, jendea pilatu ez dadin. Erosketak noiz egin behar dira? Herritarrei gomendatzen zaie erosketak aurreratzeko, erosketetako jende pilaketak eragozteko.
2020-12-3
https://www.berria.eus/albisteak/190643/hidrogeno-berdea-ekoizteko-planta-handi-bat-eraikiko-dute-zornotzan.htm
Ekonomia
Hidrogeno berdea ekoizteko planta handi bat eraikiko dute Zornotzan
Sustatzaileek esan dute 50 milioi euroko inbertsioarekin abiatuko dituztela eraikitze lanak, eta 300 milioikoa dela aurrekontua. Boroako zentral termikoaren alboan egingo dute hidrogeno planta berria.
Hidrogeno berdea ekoizteko planta handi bat eraikiko dute Zornotzan. Sustatzaileek esan dute 50 milioi euroko inbertsioarekin abiatuko dituztela eraikitze lanak, eta 300 milioikoa dela aurrekontua. Boroako zentral termikoaren alboan egingo dute hidrogeno planta berria.
White Summit Capital trantsizio energetikoan diharduen nazioarteko funtsa; Castleton Commodities International (CCI) Bizkaia Energiaren akziodun nagusia, Zornotzan dagoen ziklo konbinatuko zentra elektrikoarena; Nortegas Espainiako gas banatzailea; eta Sener Bizkaiko ingeniaritza enpresa. Horiek dira Zornotzan (Bizkaia) "hidrogeno berdea" ekoiztuko duen planta berriaren inbertitzaileak. 50 milioi euroko aurrekontuarekin abiatuko dira proiektuan, baina, azpiegitura bere gaitasun osoan aritzerako, 300 milioi euroko inbertsioa zehaztu dute eragileek. Zehaztu dutena da 20 megawatteko gaitasuna izango duela eta Boroako zentral termikoaren alboan altxatuko dutela, harentzat egindako gas eta argindar azpiegiturak baliatu ahal izateko. Urtean 1.500 tona hidrogeno berde ekoiztea jarri dute helburu, horretarako energia berriztagarriak erabiliz. Sortutako hidrogenoaren zati bat Boroako ziklo konbinatuko zentral elektrikoan erabiliko dute (gasarekin dihardu), eta, modu horretan, haren CO2 isuriak gutxituko dituzte. Gainerakoa Nortegasen banaketa sarean sartuko dute, gas naturalarekin nahasteko. Halaber, bertako industriaren beharretarako nahi dute hidrogeno berdea, eta hidrogeno likidotu gisa erabiltzeko. Ekoizpen planta berriaren alboan, hidrogenoa erabiltzen duten ibilgailuentzako hornidura estazioa egingo dute, era berean. Boroako zentrala, 2005etik martxan 2022ko amaieran hidrogenoa ekoizten hasteko moduan nahi dute Zornotzako planta berri hori, eta 2030 baino lehen haren gaitasuna behintzat 200 megawattekoa izatea nahi dute. Aurreikusi dute azpiegiturak 300 milioi euroko inbertsioa eskatuko duela ordurako. Sustatzaileek esplikatu dute hidrogeno garbia argindar iturri berriztagarrien bidez sortzen dela, eta, ondorioz, "energia garbia" dela, isuri kutsagarrietatik libre. Hura erretzean, soilik ur baporea isurtzen du atmosferara. Enpresetan edo etxeetan erabil daitekeela azaldu dute, eta "modu errazean" garraiatzen eta gordetzen dela.p> Castleton Commodities International konpainia estatubatuarrak eta White Summit Capital Suitzako inbertsio funtsak erosi zuten Boroako ziklo konbinatuko zentral termikoa, iazko hondarrean. 2005eko urrian inauguratu zuten, eta ordutik hiru jabe izan ditu. Irlandako ESB Electricity Supply Boardek egin zuen proiektua: eraiki egin zuen, eta hainbat urtez kudeatu; atzerriko enpresa batek Euskal Herrian inoiz egin duen inbertsiorik handiena izan zen. 2004an, Japoniako Osaka Gas enpresak %50 erosi zuen. 2014az geroztik, Amerikako Estatu Batuetako Arclight Capital Partners konpainiaren esku zegoen, Bizkaia Energia izenarekin. Shell konpainiak erosten du zentralean produzitutako energia; 2020ra arteko kontratua du. Plantak orduko 786 megawatt sortzeko ahalmena dauka, eta, jabeen ustez, “Iberiar penintsulako zentralik eraginkorrenetako bat da”. Eraiki aurretik, eta martxan denetik igarotako hamalau urteetan, ordea, ugariak izan dira zentralaren kontrako protestak. 2002an eginiko herri galdeketan, Zornotzarren %43k eman zuten botoa, eta boto emaileen %98k ezetz esan zioten egitasmoari. Eusko Jaurlaritzak eta ESB enpresak galdeketaren emaitza errespetatuko zutela esan arren, egitasmoak aurrera jarraitu zuen. Krisian Ziklo konbinatuko plantak Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren apustua izan ziren 2000ko hamarkadan. Nafarroan, Castejongo bi plantak eraiki zituzten, eta Bizkaian, Santurtzikoa, Zierbenakoa eta Zornotzakoa. Azken hamarkadan nabarmen urritu zaie ekoizpena, eta egoera zaila dute. Espainiako Estatuko ziklo konbinatuko plantek orduko 95.000 gigawatt ekoizten zituzten 2008an, eta 25.000 inguru baino ez 2015ean. Planta horien bidez aurreikusten da sare elektrikoaren kontsumoaren %35 asetzea, baina %10 baino ez dute egiten. Ikatzezko zentral termikoek hartu diete gaina, ekoizpena merkeagoa dutelako, nahiz eta kutsagarriagoak diren.
2020-12-3
https://www.berria.eus/albisteak/190644/euskaraldian-180000-pertsona-ari-dira-parte-hartzen.htm
Gizartea
Euskaraldian 180.000 pertsona ari dira parte hartzen
Bihar amaituko da ariketa soziala, eta izena eman dutenen herenek ez zuten parte hartu Euskaraldiaren lehen aldian.
Euskaraldian 180.000 pertsona ari dira parte hartzen. Bihar amaituko da ariketa soziala, eta izena eman dutenen herenek ez zuten parte hartu Euskaraldiaren lehen aldian.
Pandemiak eragin dion arren, aurtengo Euskaraldiak parte hartze zabala izan du: guztira 179.780 lagunek eman dute izena. Duela bi urte 225.154 izan ziren. Hala ere, aurtengo aldi honetan parte hartu dutenen herenak ez ziren lehen aldi hartan ahobizi edo belarriprest rolean aritu. Hau da, 50.000 pertsona berri aritu dira 2020ko Euskaraldian. Gainerakoan, aurreko aldiak utzi zituen antzeko proportzioak utzi ditu aurtengo Euskaraldiak ere: izena eman dutenen %77k ahobizi rola aukeratu dute, parte hartzaileen %62 emakumezkoak dira, eta, lurraldeen banaketari dagokionez, Euskaraldiarekin bat egin duten %44 gipuzkoarrak izan dira. Ariketa sozialarekin bat egin duen pertsonaren perfila, beraz, emakumezko ahobizi gipuzkoarra dela esan liteke. Bizkaitik jaso ditu Euskaraldiak izen emateen %34, Nafarroatik %11, Arabatik %8,5, eta Iparraldetik %2,1. Adin tarteei dagokienez, parte hartzerik handiena 30 eta 44 urteko tartean izan da, izen emateen %35 pilatuz. 16-29 urte artekoak %23 izan dira; 45-59 artekoak, %29; eta 60tik gorakoak, %12. Bihar amaituko da Euskaraldia, eta goizean agerraldi publikoa egingo dute ariketa sozialaren sustatzaileek, EHUk Bilbon duen Ingeniaritza Fakultatean. Bertan izango dira Arrate Illaro Euskaraldiko koordinatzailea, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Mikel Arregi Euskarabideko zuzendari kudeatzailea, Amets Lahetjuzan Euskal Konfederazioko ordezkaria eta Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria.
2020-12-3
https://www.berria.eus/albisteak/190645/ia-langile-guztiek-egin-dute-bat-aernnova-eta-pcb-itp-castingseko-lanuzteekin.htm
Ekonomia
Ia langile guztiek egin dute bat Aernnova eta PCB ITP Castingseko lanuzteekin
Erregulazio espedienteen aurkako protestaldiak dira, eta langile batzordeek argi utzi dute ez dutela kaleratzerik sinatuko.
Ia langile guztiek egin dute bat Aernnova eta PCB ITP Castingseko lanuzteekin. Erregulazio espedienteen aurkako protestaldiak dira, eta langile batzordeek argi utzi dute ez dutela kaleratzerik sinatuko.
Protesta eguna dute Aernnova (Berantevilla, Araba) eta Precision Castings Bilbao (Barakaldo eta Sestao, Bizkaia) enpresetan. Bietako zuzendaritzek erregulazio espedienteak aurkeztu dituzte, eta langileek lanuzteak egiten ari dira protesta neurri gisa. Bietan ia guztiek egin dute bat. Aernnovan zortzi orduko etenak egin dituzte txanda bakoitzean, eta, langile batzordearen arabera, «bulegoko langile batzuk» baino ez dira joan lanera. 454 langile dira guztira, eta, erregulazioren arabera, 101 kaleratuko dituzte. Langile batzordeak bere jarrera azalduko du gaur Arabako Batzar Nagusietan, eta manifestaziora deitu du larunbaterako. PCBn ere erantzun zabala izan du mobilizazioak. Langile batzordearen arabera, langileen %95ek egin dituzte lau orduko etenaldiak. Oraingoz, lau edo zortzi orduko lanuzteak tartekatuko dituzte baina negoziazioen norabidea aldatzen ez bada, egun osoko grebaldiak hasiko dituzte hilaren 23an. Negoziazio prozesua hilaren 23an bukatuko da, eta enpresak 136 langile kaleratu nahi ditu. Aurretik, azken urtean ez die kontratua berritu behin-behineko 120 langileri. PCB ITP Aero multzoaren barnean dago.
2020-12-3
https://www.berria.eus/albisteak/190646/duela-500-urteko-maitasun-poema-baten-zirriborroa-aurkitu-dute.htm
Kultura
Duela 500 urteko maitasun poema baten zirriborroa aurkitu dute
Euskara arkaikoan idatzita dago, eta Oñatin aurkitu dute, Gipuzkoako Artxibo Historiko Probintzialean. 1508 eta 1521 artean idatzia izan zela uste dute adituek.
Duela 500 urteko maitasun poema baten zirriborroa aurkitu dute. Euskara arkaikoan idatzita dago, eta Oñatin aurkitu dute, Gipuzkoako Artxibo Historiko Probintzialean. 1508 eta 1521 artean idatzia izan zela uste dute adituek.
«Ene laztan gozo ederra...». Hala hasten da Azkoitiko (Gipuzkoa) XVI. mendearen hasierako notario protokolo batean aurkitu duten euskarazko testua. Rosa Aierbe doktoreak aurkitu zuen, hain zuzen ere, Oñatiko artxibategian, ikerketa bat egiten ari zela, eta baita artxibategiko arduradunei jakinarazi ere. Miguel Ibañez Insausti eskribauaren protokolo batean aurkitu zituen hitzok Aierbek; zehazki, 1503 eta 1522 bitarteko notario eskrituretan, eta uste da testuaren egilea Insaustiren eskribautegian lan egin zuten eskribauetako bat izan daitekeela. Datari dagokionez, idazketa motak eta letra berarekin datatu eta idatzitako beste dokumentu askoren presentzia ikusita, 1508 eta 1521 artean idatzi zela ondorioztatu dute ikerlariek, behin-behinean. Artxiboko lantaldeak, Iago Irijoa doktorearen laguntzarekin, eskuizkribuaren transkripzio bat proposatu du, behin-behinean hori ere. Hau da proposamena: «Ene laztan gozo ederra penaz penaçen naçu. Orreyn culez ninduçula Nola amora nençaçun ori escuan ezpata? Çeure escuoz naraçu andicoz eta ebeticoz Barcaçio diqueçut ezcutaria, usatu eztet arma guiza erayten lecobidi guiçon gaztea Amore minez penaçen olloa lumaz estari ni amorez yçerdi ene barco negarretan Çaldiac baduezi leyara. Niri juan çatan neure amorea, leena ezquero, on daducat neure vioçean barruna. Goyçean goyçic jaqui ninçan, astean egun batean astean egun batean, da asteleen goyçean. Neure laztan «velaga», jarri çequidan aurrean Neurc nay eneban vian, «çaoncaur» aldean Colpe andiaç jo nenguian, vioç onen erdian. Elizara nijoean, colpea ar neçanean Velauric jarri ninçan, alderean aurrean Neure vecatuas confesatu eguin baninç bequela, Penetençia eman çidan, vide nevan bequela Vitarteco ema[...] ni[...]gon...». Zailtasunak eta balioa Testua bera idazketa proba moduko bat da, eta euskarazko esaldiak gaztelaniazko testu batek uzten dituen zirrikituen artean idatzita daude, orrialde baten ertzetan. Testua digitalizatuta eta Gipuzkoako Artxiboen Atariaren bidez kontsultagarri egon da denbora batean, baina oharkabean pasatu da orain artean. Ander Ros Cubas filologoak jakinarazi duenez —berak egin du eskuizkribuaren ikerketa filologikoa—, zailtasun handiak izan dituzte testua behar bezala transkribatzeko. Poema zirriborro batzuen tankera hartu diote orain artean agiria ikertu dutenek, baina testuak ikerketa sakon bat eskatzen duela nabarmendu du. Erantsi duenez, bada poema bat, eta bigarren baten lehen lerroa izan daitekeena ere bai. Euskaraz orain artean aurkitu diren poemarik zaharrenak izan daitezkeela azpimarratu du; «eta testuon aurretik halakoak idazteko tradizio luzea bazela ikusten da». Donostian aurkeztu dute agiria, Koldo Mitxelena liburutegiko ikasketa gelan. Ros filologoaren ondoan izan dira Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia eta Harkaitz Millan Kultura diputatua, eta aurkikuntzak garrantzi handia duela nabarmendu dute denek, XVI. mende hasierako euskarazko testu oso gutxi ezagutzen delako eta mikrotestuak direlako gaur egun arte iritsi diren ia guztiak. Rosen arabera, «testuko hitz batzuk gipuzkera arkaikoan idatzita daude, eta bakanetakoa da, eta horietatik zaharrena, ia bakarra». Testuak izan dezakeen garrantziari dagokionez, filologoaren ustez, kontuan hartu behar da Oñatin aurkitutako konposizio poetikoaren garrantzia: «Izan ere, Lazarragaren lana eta Julen Arriolabengoak aurkitutako Ibarguen-Cachopin eskuizkribua izan ezik, aspaldian ez baitzen euskara arkaikoan idatzitako testurik agertzen». Eskuizkribua Donostian egongo da ikusgai datozen bi asteetan, Koldo Mitxelena kulturuneko sarreran.
2020-12-3
https://www.berria.eus/albisteak/190647/azken-sei-egunetako-positibo-kopururik-handiena-hego-euskal-herrian-748.htm
Gizartea
Azken sei egunetako positibo kopururik handiena Hego Euskal Herrian: 748
Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako lehen datuen arabera, %19 handitu dira positiboak azken 24 ordutan. Egindako probetatik %6,6 eman dute positibo.
Azken sei egunetako positibo kopururik handiena Hego Euskal Herrian: 748. Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako lehen datuen arabera, %19 handitu dira positiboak azken 24 ordutan. Egindako probetatik %6,6 eman dute positibo.
Beheranzko joera eten dela dirudi, eta berriro ere zazpiehun kasutik gora daude Hego Euskal Herrian, iragan astean bezala. Izan ere, lau lurraldeetan azken hamalau egunetan batez beste 721 positibo izan ziren, eta atzo, berriz, 743 kasu atzeman zituzten, aurreko egunean baino %18 gehiago. Iparraldeko daturik ez dago. Gainera, Akitania Berriak astean behin ematen du departamendukako informazioa. Ignacio Garitano Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Zaintza eta Kontrol Programaren koordinatzaileak baieztatu du kasu positiboen beheranzko joera moteldu egin dela azken egunetan. Garitanok dei egin die herritarrei Eguberrietan harreman sozialak ahalik eta gehien murriztera. Araban izan ezik, gainerako lurraldeetan gora egin dute kutsatuen kopuruek. Araban, 94 atzeman dituzte, aurreko egunean baino %7 gutxiago; Bizkaian, 296, aurreko egunean baino %15 gehiago; Gipuzkoan, 241, aurreko egunean baino %23,6 gehiago, eta Nafarroan, 116, bezperan baino %78 gehiago. Kontuan eduki behar da Nafarroaren kasuan, asteazkenean abuztuaren 18tik honako kopururik txikiena izan zutela. Hala ere, gorakada esanguratsua da, kontuan izanik ere lurraldean zubia hasi dela gaur. Gainerako lurraldeetan ere ikusteko dago datozen egunetako jaiek nola eragingo duten pandemiaren bilakaeran. Orotara, atzo, 11.246 proba egin zituzten Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, eta, horien ondorioz, %6,6k eman dute positibo. Aurreko egunetako joerari esker, ospitaleetako presioa gero eta arinagoa da. Ospitaleetan, 605 lagun daude oraintxe, urriaren 18tik hona kopururik txikiena, nahiz eta oraindik handia izan: horietatik, ZIUko oheetan 157 daude, aurreko egunean baino hiru gutxiago —bi gutxiago Osakidetzan eta bat gutxiago Osasunbidean; Osakidetzan 127 daude, eta Osasunbidean 30—. Solairuan, berriz, 448 daude, aurreko egunean baino 43 gutxiago —datuen arabera, ospitaleetan gaixo agiri baino sendagiri gehiago ematen ari dira oraintxe—. Nafarroako Gobernuak jakinarazi du lau pertsona hil direla azken egunetan: bi atzo, eta beste bi aurreko egunetakoak; 67 eta 90 urte artekoak ziren. Azken eguneko datuak eguneratu zain, gutxienez 3.419 lagun hil dira Euskal Herrian pandemia hasiz geroztik, horietatik 890 Nafarroan. Urkullu: «Pertsona, ardatz» Bideokonferentzia bidezko jardunaldi batzuetan parte hartu du Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak. Ekitaldi hori Jaurlaritzak antolatu du, ASLE Euskadiko Lan Sozietatearekin, Arizmendiarretaren Lagunak Elkartearekin eta Europako Batasunarekin batera —Parte hartzean oinarritutako enpresa eredu inklusiboa izan da konferentziaren gaia—. Urkulluk nabarmendu du pertsona dela politika publikoen ardatza pandemiaren garaiotan. Halaber, osasunaren eta ekonomiaren arteko oreka horren inguruan ere mintzatu da. Urkulluren ustez, oraintxeko lehentasuna dute osasun publikoa eta pertsona bakoitzaren segurtasun eta ongizatea bermatzea. Dena den, etorkizuna «aurreratzeko», funtsezko deritzo ere suspertze ekonomikoa eta kalitatezko enplegua sortzeari: «Osasun pertsonala eta osasun ekonomikoa, horixe da guztion ondasun partekatua».
2020-12-3
https://www.berria.eus/albisteak/190648/aurrekontuak-onartu-ditu-espainiako-kongresuak.htm
Politika
Aurrekontuak onartu ditu Espainiako Kongresuak
188 boto lortuta, gehiengo osoa aise gaindituta, atera ditu aurrera PSOEk eta UP Unidas Podemosek osatutako koalizio gobernuak.
Aurrekontuak onartu ditu Espainiako Kongresuak. 188 boto lortuta, gehiengo osoa aise gaindituta, atera ditu aurrera PSOEk eta UP Unidas Podemosek osatutako koalizio gobernuak.
Aurrekontu berriak ditu Espainiako Gobernuak. Kongresuak gehiengo osoz onartu ditu, gaur, eta, hortaz, aurrekontu horiek ordezkatuko dituzte azken bi urteotan bi aldiz luzatu behar izan dituztenak, 2018ko ekain bukaerakoak. Aste bakan batzuk zeramatzan presidentetzan Pedro Sanchezek (PSOE), eta onartu eta gaur egun arte iraun dutenak PPk proposatutako aurrekontuak dira. Espainiako presidenteak atzo Kongresuan esan zuenez, «beste garai batekoak» dira duela bi urte aurrera ateratako aurrekontuak. Gehiengo sinplea nahikoa zuen gobernuak aurrekontuak onartzeko, baina gehiengo osoa —176 boto dira Kongresuan— aise gaindituta atera dituzte aurrera. 188 diputatuk bozkatu dute alde (PSOE, UP, EAJ, ERC, EH Bildu, PDeCAT, Compromis, Mas Pais, Nueva Canarias eta Teruel Existe), eta 154k kontra (PP, Vox, Ciudadanos, JxC, CUP, UPN, BNG, Foro Asturias eta Coalicion Canaria). Zortzik ez dute bozkatu. Sanchez presidente inbestitua izan zenean baino 21 boto gehiago lortu dituela gobernuak, alegia. COVID-19ak eragindako krisi sozioekonomikoak baldintzatutako aurrekontuak dira. Urri bukaeran aurkeztu zuen aurrekontu proiektua PSOEk eta UP Unidas Podemosek osatutako koalizio gobernuak, eta Pablo Iglesias (UP) presidenteorde bigarrenak nabarmendu zuenez, Espainiak «inoiz» edukitako aurrekonturik «sozialenak» dira. Sanchezen arabera, Espainiak «beste norabide bat» hartuko du horiek indarrean sartzen direnean. Eta gobernuaren asmoa da horiek urte berriarekin sartzea indarrean. Behin Kongresuko tramitazioa bukatuta —joan den astean batzordeko galbahea igaro zuten aurrekontuek—, proiektua Senatura bidaliko dute. Hilaren 22rako eta 23rako goi ganberan aurreikusitako osoko bilkuran onartuko dute, okerrik ezean. Kongresura itzuliko da atzera, eta gobernuaren asmoa da hilaren 29an behin betiko onartua izatea. UPNk izan ezik, Kongresuan ordezkaritza daukaten Euskal Herriko alderdi guztiek aurrekontuen alde bozkatu dute. Idoia Sagastizabal EAJren diputatuak gaurko osoko bilkuran adierazi du ezinezkoa zela pandemiak eragindako krisiari 2018ko aurrekontuekin aurre egitea, eta berriak onartzea «ezinbestekoa» zela. Astelehenean hasi zen aurrekontuei buruzko debatea Kongresuan, eta Mertxe Aizpurua EH Bilduren bozeramaileak herenegun esan zuen «etapa berri bat» hasten dela aurrekontuak berrituta. Azpimarratu zuen, gainera, eskuinak jada ez daudela «ekuazio politikoan».
2020-12-4
https://www.berria.eus/albisteak/190649/euskaldunon-egunkaria-30-urterekin-gaztetuta.htm
Gizartea
‘Euskaldunon Egunkaria’, 30 urterekin gaztetuta
Igandean 30 urte beteko zituen Euskaldunon Egunkaria-k. BERRIAko kazetari gazteek kontatuko dute nolakoa izan zen sorrera, eta Egunkaria-k zer ekarpen egin zuen.
‘Euskaldunon Egunkaria’, 30 urterekin gaztetuta. Igandean 30 urte beteko zituen Euskaldunon Egunkaria-k. BERRIAko kazetari gazteek kontatuko dute nolakoa izan zen sorrera, eta Egunkaria-k zer ekarpen egin zuen.
1990eko abenduaren 6ko goizean iritsi zen euskarazko egunkari nazionalaren lehen zenbakia irakurleengana. Ilusio eta tentsio handiz lan egin zuen profesional talde handi batek eta milaka herritarren laguntza ekonomikoak zabaldu zion bidea mundua egunero euskaraz kontatzeko erronkari. Igandean beteko dira 30 urte, eta BERRIAk erreportaje eta elkarrizketa sorta bat argitaratuko du, urteurrena gogoratzeko. Egunkaria sortuz geroztik jaiotako kazetariek hartu dute sorrera hura kontatzeko lana. BERRIAn lanean ari diren 30 bat langile dira, eta haiek diseinatu dituzte igandean irakurgai eta ikusgai izango diren edukiak. Transmisioaren kezkak eragin du lan hori. Belaunaldiak elkarrizketan jartzeko desioak ere bai. Egunkaria-ren lehen zenbakian lanean aritu ziren hamar lagun elkartu zituzten joan den larunbatean, lehen egoitza izan zuen tokian, Lasarteko industria eta bulego gune batean. Antza Komunikazio Grafikoa enpresa dago han, eta, Argia-ko kideen laguntzarekin, euskarazko egunkari nazionala sortu zen lekuan batu ziren Pantxike Agirre, Jose Luis Aizpuru, Eba Arratibel, Maite Arregi, Jon Barandiaran, Josu Landa, Maixa Olano, Ana Unanue, Iñaki Uria eta Bea Zabalondo. Gogora ekarri zuten Egunkaria-ren lehen zenbaki hura nola sortu zen. Paperean erreportaje batean kontatuko dute, eta bideorreportaje batean ere jaso dute topaketa hori. Bestetik, Txema Ramirez de la Piscinak eta Irati Agirreazkuenagak aztertuko dute Egunkaria-k zer ekarpen egin dion kazetaritzari, eta ofizio hori nola aldatu den 30 urteotan. Irene Arraratsek eta Maialen Berasategik, berriz, analizatuko dute euskararen normalizazioari zer eman dion. Inkesta zabal bat ere argitaratuko da: Egunkaria-k, BERRIAk eta oro har euskal prentsak zer ekarpen egiten duen galdetu zaie hainbat pertsona ezaguni. Eta lan berezi hori ondu duten kazetari gazteetako hamar batek beren iritziak eta ikuspuntuak ere plazaratuko dituzte. Horrekin batera, poster bat opari gisa banatuko du BERRIAk igandeko zenbakirekin batera. Maider Aldai Parrak sortu du irudia, eta Itziar Ugarte Irizarrek jarri dizkio hitzak.
2020-12-3
https://www.berria.eus/albisteak/190650/berriak-bat-egingo-du-durangoko-azokako-eskaintza-digitalarekin.htm
Bizigiro
BERRIAk bat egingo du Durangoko Azokako eskaintza digitalarekin
Denda digitalean BERRIAren makina bat produktu erosi ahalko dira. Azokaren berri arretaz emango du datozen egunetan egunkariak, paperean zein webgunean.
BERRIAk bat egingo du Durangoko Azokako eskaintza digitalarekin. Denda digitalean BERRIAren makina bat produktu erosi ahalko dira. Azokaren berri arretaz emango du datozen egunetan egunkariak, paperean zein webgunean.
55. Durangoko Liburu eta Disko Azoka ez da urteroko modukoa izango, eta Internet bidez erosi beharko dira liburuak, diskoak eta bestelako lanak. Edonola ere, azokak izango du zer emana bihartik asteartera bitartean, eta euskarazko komunikabideek adi jarraituko dituzte azokaren bueltako ekitaldiak eta eskaintzak. BERRIAk, bere webgunean, atal berezitu bat izango du azokari eskainia, eta bertan bi streaming kanal ikusi ahalko dira: batean, Landakoko ekitaldiak ikusteko modua izango da, eta bestean, Plateruena kafe antzokiko kontzertuak. Durangotik (Bizkaia) biak ala biak. Egunkariko Kultura saileko kazetariek jarraipen berezia egingo dute egunotan —papererako zein weberako—. Egunero bi orrialdeko kronika nagusi bat argitaratuko dute, eta zenbait ekitaldiren kronikak egingo dituzte. Halaber, iritzi artikuluak eta elkarrizketak egingo dituzte sortzaileekin eta eragileekin. BERRIAren webgunean, azokako ekitaldien egitaraua kontsultatzeko modua izango da, eta azoka digitalera ere bideratuko dira irakurleak. Hain zuzen ere, Durangoko mahaietan ez, baina denda birtualean erosi ahalko dira egunotan BERRIAren produktuak: Pentsioen geroa. Eztabaida sozial baterako gakoak liburua (Jon Fernandezek idatzia), Ezezagunerako bidaia. Mundua, klima eta ekologia krisian (Iñaki Petxarromanek idatzia), Gure basoak liburua (Gipuzkoako basoak eta basoetako landareak ezagutzeko gida), BERRIAren 2021eko egutegia eta 2021eko agenda.
2020-12-3
https://www.berria.eus/albisteak/190651/kanariek-migrazio-krisi-betean-jarraitzen-dute.htm
Mundua
Kanariek migrazio krisi betean jarraitzen dute
Asteazken gauaz geroztik, salbamendu taldeek beste sei erreskate egin dituzte. Ehunka migratzaile iritsi dira uharteetara, eta gobernuz kanpoko erakundeek salatu dute giza eskubideak urratu dituztela. Jone Bastida Alzuru BERRIAren berriemaile bereziaren bideo analisia.
Kanariek migrazio krisi betean jarraitzen dute. Asteazken gauaz geroztik, salbamendu taldeek beste sei erreskate egin dituzte. Ehunka migratzaile iritsi dira uharteetara, eta gobernuz kanpoko erakundeek salatu dute giza eskubideak urratu dituztela. Jone Bastida Alzuru BERRIAren berriemaile bereziaren bideo analisia.
Migrazio krisia lehertu da Kanarietan. Urtea hasi zenetik, Afrikatik 20.000 lagun baino gehiago iritsi dira bertara, sorterriko egoerak ihes egitera behartuta, eta gehienak azken hilabeteetan heldu dira: urrian eta azaroan 12.000 etorkin erregistratu dituzte. Itsasoko bide horri ekitea ez da erabaki makala; izan ere, zeharkaldi hori migrazio ibilbiderik hilgarrienetako bat da. Asteotan ere jazo dira ezbeharrak: joan den asteko asteartean zortzi pertsona hil ziren Lanzaroten izandako hondoratze batean. Gaualdean, beste bost erreskate egin dituzte, eta 169 pertsona lehorreratu. Jone Bastida Alzuru BERRIAren berriemaile berezia han da egunotan. Arguineguineko portutik, bideo batean azaldu du zertan den migratzaileen egoera. Izan ere, kanpaleku bat eraiki zuten han, Lotsaren kanpalekua ere deitu diotena; hasiera batean, 400 etorkin hartzeko diseinatu zuten, baina 2.600 lagun ere pilatu dira kaiko lurretan gauak pasatzen. Igandean desegin zuten. Txema Santana Kanarietako CEAR erakundeko teknikaria gertutik erreparatzen ari zaio azken hilabeteetan milaka migratzaile iritsi izanak uhartean sortu duen krisiari, eta arduratuta dago gertaerekin. Arguineguineko gunean giza eskubideak urratu dituztela salatu du BERRIAn, eta adierazi du funtsezkoa zela hura desegitea: «Hartutako arriskuek marra gorri guztiak zeharkatu dituzte», esan zuen. Miren Koldobike Velasco Vazquez soziologoak hausnarketa sakona egin du uhartean piztu den krisiaren inguruan, eta hark ere baldintza lazgarriak salatu ditu. Uste du migrazio krisiak arrazismoa eta xenofobia areagotu dituela, eta politiketan bazterketa baino ez direla ari garatzen: «Indarkeria egoera bat da hau, eta giza eskubideak urratzen ari dira».
2020-12-3
https://www.berria.eus/albisteak/190652/asensiok-gezurtatu-egin-du-zubietako-errauste-plantari-baimenik-ukatu-diotela.htm
Gizartea
Asensiok gezurtatu egin du Zubietako errauste plantari baimenik ukatu diotela
EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek kontuak eskatu dizkiote Gipuzkoako Ingurumen diputatuari Zubietako erraustegiari buruz. Eusko Jaurlaritzak instalazioa martxan jartzeko behin-behineko baimena eman zuen, baina baimen hori azaroan iraungi zen. Alderdiek «arduragabekeria eta deskoordinazioa» leporatu dizkiote GHK-ri.
Asensiok gezurtatu egin du Zubietako errauste plantari baimenik ukatu diotela. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek kontuak eskatu dizkiote Gipuzkoako Ingurumen diputatuari Zubietako erraustegiari buruz. Eusko Jaurlaritzak instalazioa martxan jartzeko behin-behineko baimena eman zuen, baina baimen hori azaroan iraungi zen. Alderdiek «arduragabekeria eta deskoordinazioa» leporatu dizkiote GHK-ri.
Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumen diputatu eta GHK-ko buruak adierazi du «faltsua» dela Eusko Jaurlaritzak Zubietako errauste plantari jarduera baimena ukatu diola. Ohar bidez azaldu duenaren arabera, gobernuak Ekondakin enpresari igorritako jakinarazpenak «energia sortzeko instalazioen tramitazio administratiboari» eragiten dio soilik, «eta ez plantaren funtzionamenduari». BERRIAk atzo jakitera eman zuenez, Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak baimen bat ukatu berri dio Ekondakin enpresari, Urbaser buru duen enpresa emakidadunari, erraustegia martxan jartzeko behin-behineko aktaren epea amaitu berritan. Asensioren hitzetan, «energia sortzeko jarduera behin-behineko baimen batean oinarritzen» zen, baina hori ez luzatzeak ez dio plantaren funtzionamenduari eragiten, «ezta ingurumen baimenari ere». Edonola ere, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IU taldeek Asensioren presazko agerraldi bat eskatu dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan, esplika dezan zertan den Zubietako erraustegia, eta ea martxan jartzeko baimen guztiak ote dituen. Elkarrekin Podemosek adierazi du erraustegiak martxan jarraitzea «lardaskeria» hutsa dela, horretarako baimena ez baitago indarrean. Koalizioaren hitzetan, egoerak GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren «arduragabekeria eta deskoordinazioa» islatzen ditu. Arantza Gonzalez Gipuzkoako Ezker Anitzaren koordinatzaileak «bermeak» eskatu dizkio diputazioari, herritarren osasuna arriskuan ez jartzeko. GHK-k atzo ere adierazi zuen ingurumen baimena eta jarduera lizentziak indarrean dituela instalazioak, eta «behin betikoak» direla. Halaber, ziurtatu zuen energia elektrikoa sortzen ari direla. GuraSOSek gezurtatu egin du zaborra errez energia sortzen ari direla, transformadore nagusiaren faltan instalazioak ez baitu horretarako ahalmenik. Elkarte horrek berriki Red Electricaren txosten bat aipatu du, ziurtatzen duena erraustegiak ez duela argindarrik sortu urriaren 28ra arte behintzat. BERRIAk jakin duenez, ordezko transformadore horien kostua hileko 700.000 eurokoa da. GHK-k ziurtatu du ez dela ezer ordaintzen ari, gertatutakoa «kontzesionarioaren ardura» baita. Halaber, adierazi du Ekondakini «informazio zehatza» eskatuko diola falta diren administrazio tramiteei buruz.
2020-12-3
https://www.berria.eus/albisteak/190653/eako-kritikoek-jarritako-helegitea-baliogabetu-du-epaileak.htm
Politika
EAko kritikoek jarritako helegitea baliogabetu du epaileak
Kritikoek alderdiaren zuzendaritzari egotzi zioten dokumentu batzuk faltsutu izana, EAko primarioen prozesuaren aurkako salaketa baliogabetu zuen epaia baldintzatzeko, eta zuzendaritzak adierazi du epaileak atzera bota duela salaketa delitu zantzurik ez dagoelako. Halere, Alava eta Ruiz de Egino urtarrilean epaituko dituzte beste.
EAko kritikoek jarritako helegitea baliogabetu du epaileak. Kritikoek alderdiaren zuzendaritzari egotzi zioten dokumentu batzuk faltsutu izana, EAko primarioen prozesuaren aurkako salaketa baliogabetu zuen epaia baldintzatzeko, eta zuzendaritzak adierazi du epaileak atzera bota duela salaketa delitu zantzurik ez dagoelako. Halere, Alava eta Ruiz de Egino urtarrilean epaituko dituzte beste.
Miren Aranoa, Mikel Goenaga, Iratxe Lopez de Aberasturi eta Maiorga Ramirez EA Eusko Alkartasunaren sektore kritikoko kideek salaketa bat jarri zuten Mariano Alava Antolamendu idazkariaren eta Iker Ruiz de Egino EAko eledunaren aurka, eta egotzi zieten alderdikoak ez ziren pertsonen esku jarri zituztela babes berezia behar zuten datu batzuk. Gaur, Gasteizko Lehen Auzialdiko 7. zenbakiko Epaitegiko epaile batek esan du ez duela salaketa hori tramitatuko, eta duelako «delitu zantzurik atzeman». EAk ohar batean azaldu du epaitegiak «atzera bota» duela salaketa, eta epaitegi horrek berak uztailean hartu zuen erabaki batekin lotu du hori. Orduan, adierazi zuten alderdiko primarioen prozesuan ez zirela Ramirezen eskubideak urratu, eta ohartarazi zuten Berme Batzordearen ebazpenak ez zirela «zuzenbidearen araberakoak». Sektore kritikokoek uztaileko erabakiaren ostean eskatu zioten epaitegiari azter zezala Alavak eta Ruiz de Eginok faltsutze deliturik egin ote duten. Lopez de Aberasturik, Goenagak eta Aranoak —EAren Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako koordinatzaileak dira, hurrenez hurren— adierazi dute guztia Eba Blanco alderdiaren jarduneko idazkari nagusiaren «azpijoko bat» dela, Alavak eta Ruiz de Eginok egindakoa «estaltzeko» asmoz egina. Adierazi dute salatutako bi kideek datorren urtarrilaren 19an deklaratu beharko dutela epailearen aurrean, gaurko epaia eman duen epailearen erabakia «gainditzen» duen auzi batean. Gainera, epaitegi horrek uztailean hartu zuen erabakia «desitxuratzea» egotzi diote. Sektore kritikoko koordinatzaile horiek esan dute EAko Antolamendu idazkaria eta bozeramailea auzipetuta daudela egun, eta EAk eta EH Bilduk haien dimisioa eskatu beharko luketela, alderdiaren eta koalizioaren kode etikoa betetzeko. Alderdiaren zuzendaritzak nabarmendu du «zuzen» jokatu dutela, eta sektore kritikoari eskatu dio «barne eztabaida auzitegietatik ateratzeko», eta onartzeko negoziaziorako eskaintzak. Iazko ekainean, Pello Urizar idazkari nagusiak dimisioa eman zuen, eta orduko primarioen prozesuan azaleratutako gatazkak gaur egunera arte jarraitu du. Maiorga Ramirez hautagaia zen primarioetan, baina alderdiaren hauteskunde batzordeak haren hautagaitza baliogabetu zuen, argudiatuz ez zuela bete lurralde bakoitzean gutxienez bost abal aurkezteko helburua, eta aurkeztuen artean 21 irregularrak zirela. Eba Blancoren hautagaitza izan zen, hortaz, onartutako bakarra. Kritikoek auzitara jo zuten. Bi aste geroago, alderdiaren berme batzordeak arrazoia eman zion Ramirezi, ebatzi baitzuen haren hautagaitza «bidegabeki» bota zutela atzera. Blancok, baina, ez zion sinesgarritasunik eman ebazpen horri: «Berme Batzordea ez da ezeren bermea», adierazi zuen. Auziak bere bidea egin zuen epaitegietan, eta, iazko azaroaren 11n, Gasteizko epaitegiak eten egin zuen Blancoren izendapena, behin-behinean. Epaileak nabarmendu zuen EAren Nazio Batzarrak eta zuzendaritzako zenbait kidek ez zituztela bete EAko Berme Batzordeak emandako azken ebazpenak, eta litekeena zela Ramirezen parte hartze politikorako eskubidea urratu izana. Kritikoek adierazi zuten uztaileko epaiak «modu inkoherentean» ezeztatzen duela iazko azaroko ebazpena. «Nahiz eta epaiak erabat frogatzen duen egungo zuzendaritzakoek sistematikoki ez zituztela bete berme batzordearen ebazpenak, oraingoan baliorik gabe uzten du, eta horiek betetzetik libratzen ditu», salatu du. «Gure ustez, erabat inkoherentea da hori».
2020-12-3
https://www.berria.eus/albisteak/190654/txertaketa-kanpainak-hiru-fase-izango-ditu-ipar-euskal-herrian.htm
Gizartea
Txertaketa kanpainak hiru fase izango ditu Ipar Euskal Herrian
Jean Castex Frantziako lehen ministroak esan du udaberrirako espero dutela herritar guzientzako txertoa zabaltzea. Gabonetarako, sei heldu elkartzeko muga ezarri dute.
Txertaketa kanpainak hiru fase izango ditu Ipar Euskal Herrian. Jean Castex Frantziako lehen ministroak esan du udaberrirako espero dutela herritar guzientzako txertoa zabaltzea. Gabonetarako, sei heldu elkartzeko muga ezarri dute.
COVID-19aren kontrako txertoak laster egongo dira prest, ikerketak eraman dituzten laborategien arabera. Hala, Frantziako Gobernuak txertaketa kanpaina hasteko bidea ireki du. Jean Castex Frantziako lehen ministroak esan du abendu bukaera aitzin Osasun Agintari Gorenaren baiezkoa lortu beharko luketela bi txertok —Pfizerrek eta Modernak—. Baiezkoa lortu orduko abiatuko dute txertaketa kanpaina, eta hiru fase izango ditu. Abendu bukaeran abiatuko dute lehen fasea. Zahar etxeetako egoiliarrek eta bertako osasun langile zaurgarriek izanen dute lehentasuna. Otsailetik aurrera, berriz, bigarren fasea hasteko asmoa daukate; pertsona zaurgarriak txertatuko dituzte orduan. Azkenik, «udaberrian», txertoa herritar guztiei zabaltzeko helburua jarri du Castexek. Txertoa ez da derrigorrezkoa izanen Ipar Euskal Herrian, eta kitorik izanen da herritar guztientzako. Olivier Veran Frantziako Osasun ministroak zehaztu du «txertoak ez duela berehala aldatuko pandemiaren bilakaera». Halere, segurtatu du «Frantziako Gobernuak ahalegin guztiak egin» dituela herritarrak «lasaitzeko». Castex: «Txertoari baimena emanen dioten erakundeak independenteak dira. Azkar garatu dute txertoa laborategiek, baina kontrol maila izugarria izan da. Segurtasun osoan eginen dira txertaketa horiek». Azken asteetan txertoaren inguruan sortu diren «beldurrei» erantzuteko, Veranek gehitu du «beldurraren kontrako armarik eraginkorrera jakintza» dela. Konfinamendua arintzen Konfinamenduak indarrean segitzen du Ipar Euskal Herrian; baina Frantziako presidente Emmanuel Macronek abenduaren 15ean kendu beharko luke, etxeratze aginduarekin ordezkatzeko. Egun horretatik aitzina, Ipar Euskal Herriko herritarrek etxean egon beharko dute 21:00etatik 06:00etara. Castexek esan du abenduaren 24an eta 31n etxeratze agindua malgutuko zutela, baina ez du oraindik xehetasunik eman. Egun horietan, familia eta lagunarteko elkarretaratzeak sei heldura mugatzeko eskatu du, haurren kopururik ez dute finkatu.
2020-12-3
https://www.berria.eus/albisteak/190655/euskaldunen-eguneroko-bereizkeriari-planto.htm
Gizartea
Euskaldunen eguneroko bereizkeriari planto
Dozenaka txiolarik euskaraz aritzeagatik izandako askotariko bizipenak idatzi dituzte Euskaldunok planto kanpainan: diskriminazio kasuak, umiliazioak eta zatarkeriak, besteak beste.
Euskaldunen eguneroko bereizkeriari planto. Dozenaka txiolarik euskaraz aritzeagatik izandako askotariko bizipenak idatzi dituzte Euskaldunok planto kanpainan: diskriminazio kasuak, umiliazioak eta zatarkeriak, besteak beste.
Euskararen Egunerako, salaketak egitera dei egin du Twitterreko kontu sortu berri batek, @eutsieuskarari izenekoak. #EuskaldunokPlanto traola erabiliz, erabiltzaileei eskatu die «borroka eta salaketa eguna» izan dadin gaurkoa, «euskaldunon aurkako zapalkuntzari erantzuteko» asmoz. Euskaraz aritzeagatik jasandako askotariko bizipenak bildu dituzte egun osoan. Hona hemen horietako batzuk:
2020-12-3
https://www.berria.eus/albisteak/190656/bere-esku-segitzen-du.htm
Kirola
Bere esku segitzen du
Realak bina berdindu du Rijekaren aurka; azken neurketan erabakiko da multzoko sailkapena.Txuri-urdinek atzetik egin dute neurketaren zati handi bat
Bere esku segitzen du. Realak bina berdindu du Rijekaren aurka; azken neurketan erabakiko da multzoko sailkapena.Txuri-urdinek atzetik egin dute neurketaren zati handi bat
Bezperan nola, biharamunean hala. Realak berdindu egin du Rijekaren aurka, eta gauza bera egin dute Napolik eta AZ Alkmaarrek. Partida baten faltan, ez da aldatu egoera. Edo bai: arerio makurrenaren aurka jokatu beharko dute txuri-urdinek hil ala biziko neurketa. Halere, bere eskuan da Europa ligan aurrera egitea. Irabazi, eta kito. Realak goian presioa eginez hasi du neurketa, eta etxekoek izan dute baloiaren jabetza eta jokoaren gidaritza. Antolaketan asmatu arren, azken metroetan ez zuten zirrikiturik aurkitzen. Harik eta 19. minutuan Nevisticen ateak parez pare zabaltzeko tankera hartu duen arte. Isakek eskuarekin ukitu du Rijekaren area barruan, baina hasiera batean tronpatu egin da Joao Pinheiro epailea, Realaren aldeko penaltia adierazi baitu. Marrazainarekin hitz egin ostean, okerra zuzendu, eta erabakia aldatu du. Epaile portugaldarrak gisa horretara narrastu du Europa ligan zuzendu duen lehen partida. Hortik aurrera, gutxika-gutxika itzaltzera egin dute txuri-urdinek, eta garesti ordaindu dute hori. Aukerak sortzeari utzi dio, eta Rijekak ez du lehen zatiko aukera bakarra alferrik galdu. 36. minutuan aldeko kornerra izan du, eta lehen zutoinean Menalok buruz ukitutako baloia gisa horretara sareratu du Velkovski atzelariak. Kolpe gogorra izan da hori Imanolen jokalarientzat, eta ezin izan dute deus egin atsedenaldira artean. Bigarren zatian kale edo bale egin beharrean zelairatu da Reala. Atsedenaldiaren ostean, Napoli irabazten ari zen AZ Alkmaarren aurkako neurketa. Bere lanak egin ezin, ordea, gipuzkoarrek. Domaia. Bazekiten garaiz suspertzen ez baziren markagailua iraultzea zailago izango zutela gero, eta lehen minutuetan erabat egin du aurrera. Robin Le Normandek urrundik egindako jaurtiketa, kasurako. Hobekuntza aurkitu nahian, aldaketa sorta garaiz egin du Imanolek, eta ondo atera zaio jokaldia. Bigarren zatian zelairatutako Andoni Gorosabelek egindako erdiraketa bat ondo baliatu du Isak ordeztu duen Jon Bautistak, berdinketaren gola egiteko. Hogei minuturen faltan, gol bat nahikoa zuen Realak Europa ligako final-hamaseirenetarako sailkatzeko. Alferrik, ordea. Baloia donostiarren areara gerturatu da estrategia jokaldi batean: bigarren aldian bigarrena egin du Rijekak. Loncarrek, kornerrez, berriz ere. Minutu gutxiago jokatzeko, eta ostera hutsetik hasi beharra. Partida traza eskasa hartzen hasia zen Realarentzat. Alabaina, berandu izan aurretik indarrak orekatzea lortu dute donostiarrek. Behin eta berriz Rijeka zuloan sartzeak arnasa hartzeko modua emaj dio. Natxo Monrealek baloi bat jaso du area barruan, eta jaurtiketa indartsu batekin binakoa egin du. Denbora bazuen. Ahala, auskalo. Realari gol batek asko argituko zion fasea gainditzea. Ez da txuri-urdinen garaipeneko golik iritsi, ordea, eta binako berdinketarekin amaitu du neurketa. Baita bestea ere. Kontuak hala, Italian erabakiko da dena; zaildu zaio bidea Realari. Aurkari makurrena izango du aurrean, baina lehen ere garaitu ditu Napoli baino hobeak.
2020-12-4
https://www.berria.eus/albisteak/190689/buruzagi-independentistei-hirugarren-gradua-ukatu-die-gorenak.htm
Mundua
Buruzagi independentistei hirugarren gradua ukatu die Gorenak
Dolors Bassa kontseilari ohia eta Carme Forcadell parlamentuko presidente izandakoa espetxera itzuliko dira gaur, irteteko baimenak indargabetu baitizkiete; gainontzeko auzipetuei uztail amaieran kendu zizkieten kartzelatik irteteko baimenak.
Buruzagi independentistei hirugarren gradua ukatu die Gorenak. Dolors Bassa kontseilari ohia eta Carme Forcadell parlamentuko presidente izandakoa espetxera itzuliko dira gaur, irteteko baimenak indargabetu baitizkiete; gainontzeko auzipetuei uztail amaieran kendu zizkieten kartzelatik irteteko baimenak.
Bigarren gradura itzuli beharko dute preso dauden Kataluniako bederatzi buruzagi independentistek. Hala ebatzi du Auzitegi Gorenak, prozesu independentista sustatzeagatik hamahiru urterainoko espetxe zigorrak ezarri zizkien berak. Erabakiaren ondorioz, Dolors Bassa Generalitateko kontseilari ohiak eta Carme Forcadell parlamentuko presidente izandakoak espetxera itzuli beharko dute gaur, eta orain arte irteteko izan dituzten baimenak galduko dituzte. Haien kasuan, gainontzeko zazpienean ez bezala, hirugarren graduari eustea erabaki zuen espetxe zaintzako epaileak, fiskalaren eskariaren kontra, Gorenak azken erabakia hartu bitartean. Horrez gain, presoek ezin izango dituzte jaso Zigor Kodearen 100.2 artikuluak bigarren gradurako aurreikusten dituen espetxe baimenak. Aukera hori ere ukatu egin die Gorenak gaurko ebazpenean. Espetxe zuzendaritzek, 100.2 artikuluaren bidez, kartzela ordu batzuetarako uzteko baimena aitortu zien, lan egiteko, senideren bat zaintzeko edota borondatezko lanak egitera joateko. Gorenak ebatzi du erregimenaren malgutze hori ez dela lotu «gizarteratze prozesu batekin». Horrenbestez, espetxean bigarren gradu hertsian izango dira, eta, COVID-19aren pandemiarengatik indarrean diren neurri bereziak ezarriko zaizkienez, egunean hogei ordu eman beharko dituzte beren ziegetan. Presoek «mendeku gosez» jokatzea leporatu diote, erabakiaren berri izan dutenean. Forcadellek salatu du ebazpena hedabideen bitartez ezagutu duela. «Beti bezala, hedabideen bitartez jakinarazi digute espetxera sartu behar dugula. Lotsagarria da gureganako eta gure sendienganako errespetu falta». Jordi Sanchez ANCko presidente ohi eta JxCko idazkari nagusiak legezko prozedurak urratzea egotzi dio estatuari. «Estatuak eta Auzitegi Gorenak gu itotzeko duten irmotasuna etengabea da, eta aurreikusteko modukoa. Ez da sorpresa izan. Legea behartzen dute, jurisprudentzia aldatzen, berme juridikoak eta eskubideak suntsitzen dituzte. Espainiak merezi du. Eta hemen, bien bitartean, urriaren 1ean horren indartsu egin gintuen hari galdua bilatzen ari gara». Amnesty International elkarteak ere Gorenaren epaia salatu du. Haren esanetan, Sanchezek eta Jordi Cuixart Omniumeko presidenteak hiru urte egin dituzte «era bidegabean» espetxeratuta. «Berehala» aske uzteko eta bien kontrako zigorra indargabetzeko eskatu dio auzitegiari. Gorenaren erabakiaren ondorioz, soilik ohiko baimenak jasotzeko aukera izango dute zigorraren laurden bat betea duten presoek. Oraingoz, Sanchezek, Cuixartek, eta Joaquim Forn eta Josep Rull Generalitateko kontseilari ohiek betetzen dute baldintza hori. Bederatzi auzipetuen kasuan, espetxe zaintzako epaileek ontzat eman zuten presoei hirugarren gradua ezartzea, espetxeetako tratamendu batzordeen proposamenari jarraituz; Bassaren eta Forcadellen kasuan, epaileek adierazi zuten «delituaren larriak» eta ezarritako zigorrak ez zutela horretarako oztoporik jartzen, eta gainontzeko zazpienean, fiskaltzari egotzi zion auzipetuei «zigor eredugarria» jarri nahi izatea. Aldiz, fiskaltzak Goreneraino eraman zuen auzia, eta hark bestelako iritzia eman du. Haren arabera, denbora gehiago behar da presoen eta espetxe tratamenduaren garapena ikusteko, batez ere zigorrak horren luzeak diren kasuetan —bederatzi eta hamahiru urte artekoak—. Hirugarren gradua ezartzea neurri «goiztiarregia» dela adierazi du. Horrez gain, epaiak nabarmendu du presoetatik bakar batek ere ez duela zigorraren erdia bete, eta gehienek, laurden bat ere ez. Manuel Marchena magistratua buru duen epaimahaiak nabarmendu du «salbuespen kasuetan soilik» ematen zaiela hirugarren gradua zigorraren laurden bat betea ez duten presoei: «Argudio indartsuak eskatzen ditu halako kasu batek». Gorenak espetxe zaintzako epailearen kritikak ukatu ditu, eta argudiatu du auzipetuetatik bakar bat ere ez dela zigortua izan Kataluniaren independentzia nahi izateagatik: «Erreforma edota haustura bilatzen duten ideiak ez dira delitu. Horien zilegitasuna ezin da zalantzan jarri. Oker dago epailea fiskaltzaren helegitea bide horretatik doala iradokitzen duenean». Hala, Oriol Junqueras presidenteorde ohiaren aurkako zigorra jartzen du adibidetzat, eta zehazten hura diru publikoa oker erabiltzeagatik ere izan zela zigortua.
2020-12-4
https://www.berria.eus/albisteak/190690/modu-ezohikoan-ireki-dute-durangoko-azoka-ezohikoa.htm
Kultura
Modu ezohikoan ireki dute Durangoko Azoka ezohikoa
Ikaslerik gabeko Ikasle Egun batekin hasi da martxan 55. azoka. 1.200 pertsonak baino gehiagok osatu dute egunotan beren «desiren poltsa», eta hasi dira lehen erosketen bidalketak ere. Jende asko dabil denda digitalean, eta ordu batzuetarako eten behar izan dute arduradunek, baina 15:00ak pasatxorako berriz zegoen martxan.
Modu ezohikoan ireki dute Durangoko Azoka ezohikoa. Ikaslerik gabeko Ikasle Egun batekin hasi da martxan 55. azoka. 1.200 pertsonak baino gehiagok osatu dute egunotan beren «desiren poltsa», eta hasi dira lehen erosketen bidalketak ere. Jende asko dabil denda digitalean, eta ordu batzuetarako eten behar izan dute arduradunek, baina 15:00ak pasatxorako berriz zegoen martxan.
Isiltasuna izan da nagusi aurten Durangoko Azokaren irekieran. Euskal Herri osoko milaka ikasle batu ohi ditu urtero Landako gunean Ikasle Egunak, eta sortu ohi den zalaparta eta euforia giroaren kontrapuntua izan da aurtengoa. Kazetari multzo bat baino ez da ibili goizean eraikinaren inguruan, Durangoko eskolako ikasle talde txiki bat, eta Gerediaga elkarteko langileak. Izan ere, erabat transformatu behar izan du bere burua azokak aurtengoan, koronabirusak eragindako osasun krisiaren eraginez, eta, indarrean diren murrizketa guztiak kontuan hartuz, www.durangokoazoka.eus helbidea izango du ardatz horregatik. Bertan bildu dute 2.300 produktutik gorako katalogoa, eta bertan botako dute 100 kultur proposamen baino gehiago biltzen dituen programa. Durango eta mugakide diren herrietako biztanleek bakarrik izango dute aukera kultur saioetara joateko, baina zabalik da jadanik Durangoko Azoka. Sarbidea milaka pantailatan zatikatuta, ezinbestean. Aurreko asteazkenaz geroztik dago martxan webgunea, eta bertan ikusitako produktuak «desiren saskia» izeneko poltsa digitalean bildu ahal izan dituzte erabiltzaileek orain arte. Arantza Atutxa Gerediaga elkarteko kudeatzailearen hitzetan, 1.200 poltsa baino gehiago osatu ditu jendeak orain arteko egunetan. Orain jarri dira martxan erosketak. Desiren poltsa osatu duten erabiltzaile guztiek gaur bertan jasoko dute beren erosketa formalizatzeko aukera dutela gogorarazteko abisua, eta zuzenean egin ahalko dute erosketa gaurtik aurrera webgunean sartzen direnek. Azoka ireki eta berehala egin dute lehen salmenta. Denda ireki eta minutu eskasera joan da lehen liburu eta disko bilduma Balmasedara. Eguerdian, ordea, salmenta zerbitzua eten egin behar izan du azokak. Prentsa taldeak jakinarazi duenez, jende asko sartu da denda digitalean, eta ordu batzuetarako eten behar izan dute, konponketa teknikoak egin ahal izateko. 15:00ak pasatxorako berriz zegoen martxan. «Eskerrik asko». Mezu hori zabaldu nahi izan dute Gerediaga elkarteko ordezkariek azokaren lehen minutuetan. Atutxa: «Azoka zabalik da; etorri, parte hartu, erosi ahal duzuen neurrian». 45 eurotik gorako eskariek doan izango dituzte bidalketa gastuak, eta lehen mila eskariek aurtengo Durangoko Azokaren karteleko logoa daraman poltsa jasoko dute opari. Landako gunea biltoki bilakatu dute, eta argitaletxeka antolatu dute katalogoa errenkadatan antolatutako hamaika mahairen gainean. Bost langile izango dira lanean, printzipioz, webgunearen bidez jasotako eskari guztiak batzen eta bidaltzen, baina, antolatzaileek azaldu dutenez, eskari kopuruak gora egingo balu, langile gehiago batzeko aukera ere aurreikusi dute. Atutxak onartu duenez, lehen eguna baliatuko dute eskari jarioa zenbatekoa den neurtzeko, eta plana horren arabera moldatzeko. Sortzaile batzuek sinatuta utzi dituzte beren lanak Landako gunean. Izaro musikariak, esaterako, 300 disko baino gehiagoko kutxa bat utzi du sinatuta.
2020-12-4
https://www.berria.eus/albisteak/190691/ekonomiak-155eko-hazkundea-izan-duela-berretsi-du-jaurlaritzak.htm
Ekonomia
Ekonomiak %15,5eko hazkundea izan duela berretsi du Jaurlaritzak
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan BPGaren hazkundea %15,5ekoa izan zen hirugarren hilekoan.
Ekonomiak %15,5eko hazkundea izan duela berretsi du Jaurlaritzak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan BPGaren hazkundea %15,5ekoa izan zen hirugarren hilekoan.
Udako hiruhilekoan ekonomiak hazkunde handia izan zuela jakinarazi zuen Eustatek: %15,2koa, hain zuzen. Itxialdi handiak eragindako eroriko historikoaren ondoren, uste baino hazkunde handiagoa izan zuen Eusko Jaurlaritzako eskumeneko lurraldeen osotasunak, baina urte arteko tasan islatu zen pandemiaren zuloa: -%7,7ko uzkurtzea egon zen 2019ko hirugarren hiruhilekoaren aldean. Bada, Ekonomia Sailak datu horiek zabaldu ditu, eta pixka bat zuzendu ere bai. %15,2koa ez, baina %15,5ekoa izan zen udako errebotea, gaur jakinarazi duenez, hiru hamarren handiagoa. Eta urte arteko tasan %7,5 uzkurtu da ekonomia. Hori da irail bukaera arte pandemiak ekonomian egindako zuloa. Izan ere, lehen hiruhilekoan -%4,7ko jaitsiera egon zen, eta bigarrenean, -%16,4ko amiltzea. Urteko azken hiruhilekoak finkatuko du %7,5eko erorikoa azken mendeko urterik okerrenetakoan BPG barne produktu gordinaren eboluzioari begira, eta pandemiaren bigarren olatua ez da laguntzen ari ekonomiaren erorikoa ez dadin izan bi digitukoa. Irailean egindako iragarpenean, Jaurlaritzak aurreratu zuen uste zuela ekonomiak %10,1eko jaitsierarekin itxiko duela 2020a. Baina pandemiaren oldartzeak estimazio hori aldatzera behartu dezakeela aitortu du asteon Pedro Azpiazu Ekonomia sailburuak. Enpleguari dagokion datua ere aldatu du Jaurlaritzak. Hobekuntza hiru hamarrenekoa da, bai hiruhilekoen arteko tasan, bai urte artekoan; 2019ko udako hiruhilekoarekiko %6,2 apaldu da enplegua, hortaz. Sektoreka Eskaintzaren ikuspuntutik, urte arteko terminoetan balio erantsiaren atzerakada orokortua izan dela esplikatu du Eustatek, administrazio publikoaren, hezkuntzaren, osasunaren eta gizarte zerbitzuen adarrean izan ezik. Baina aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, balio erantsiaren aurrerapena handia izan da adar gehienetan, lehen sektorean izan ezik; haren jarduerak behera egiten jarraitu du, eta %7,2 egin du atzera, aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, eta %4,4, 2020ko bigarren hiruhilekoaren aldean. Industriaren sektoreak ere atzerakada izan du urte artekoan, %9,5ekoa. Beherakada hori bigarren hiruhilekoan ikusitakoa baino txikiagoa da; orduan, %26,7koa izan zen erorikoa. Hala, 2020ko hirugarren hiruhilekoan, industriaren suspertzea %23,3koa izan da aurreko epealdiarekiko. Eraikuntzaren sektoreak ere atzerakada txikiagoa izan du aurreko hiruhilekoan baino: %9,3 jaitsi da urte arteko tasan, eta, hala, %11,8 igo da bigarren hiruhilekoaren aldean. Zerbitzuen sektorea iaz baino %5,9 apalagoa izan da, baina bigarren hiruhilekoan baino %12,4 handiagoa. Aldakuntza horiek arindu egin dute, hein batean, urte arteko tasaren erorikoa, eta %15,1ekoa da hori. Zerbitzuen portaera ez da homogeneoa izan. Merkataritza, ostalaritza eta garraioaren adarrak %10,2ko beherakada izan du aurreko urteko epealdi beraren aldean; baina hazi egin da, aurreko hiruhilekoaren aldean, %15,6 hazi da. Beherakada ez da hain nabarmena izan gainerako zerbitzuen adarrean –bertan sartzen dira, besteak beste, lanbide eta finantza jarduerak, eta aseguruak–; urte arteko tasa -%8,1ekoa izan da, eta hiruhilekoen arteko tasa positiboa izan da, %22,1ekoa. Administrazio publikoaren, hezkuntzaren, osasunaren eta gizarte zerbitzuen adarrean, berriz, aurreko hiruhilekoetan izan den balioaren antzekoari eutsi zaio, eta %1,1 hazi dela kalkulatzen da, bai urte arteko terminoetan, bai hiruhilekoen artekoetan.
2020-12-4
https://www.berria.eus/albisteak/190692/carlos-martin-beristainek-irabazi-du-rene-cassin-saria.htm
Gizartea
Carlos Martin Beristainek irabazi du Rene Cassin saria
Euskal Herriko zein nazioarteko zenbait gatazkaren konponbidetan bizikidetzaren arloan egin dituen ekarpenak saritu nahi izan ditu Eusko Jaurlaritzak. Giza Eskubideen Nazioarteko Egunerako leloa ere aurkeztu dute: 'Gaur, inoiz baino gehiago, kutsatu elkartasuna! Zure eskubideak, guztionak'.
Carlos Martin Beristainek irabazi du Rene Cassin saria. Euskal Herriko zein nazioarteko zenbait gatazkaren konponbidetan bizikidetzaren arloan egin dituen ekarpenak saritu nahi izan ditu Eusko Jaurlaritzak. Giza Eskubideen Nazioarteko Egunerako leloa ere aurkeztu dute: 'Gaur, inoiz baino gehiago, kutsatu elkartasuna! Zure eskubideak, guztionak'.
Carlos Martin Beristainek (Bilbo, 1959) jasoko du aurten Rene Cassin saria, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia, eta Gizarte Politiketako sailburuak gaur goizean iragarri duenez. «Hamarkadetan zehar eta munduko hainbat lekutan giza eskubideen sustapenean eta defentsan lagundu duelako» saritu dute Bilboko psikologia eta medikuntzako doktorea, Artolazabalen hitzetan. Izan ere, beren ibilbide pertsonalari edo profesionalari esker «giza eskubideak sustatzearekin, babestearekin eta hedatzearekin duten konpromisoa» erakusten duten pertsonen edo taldeen lana publikoki saritzeko helburuz sortu zuen Eusko Jaurlaritzak Rene Cassin saria, 2003an, eta aurten erabaki dute Beristainek arlo horretan egin duen lana txalotzea. Artolazabalek saritua honela definitu du, goizean haren berri emateko egin duen agerraldian: «Euskaldun unibertsala eta giza eskubideen defendatzaile amorratua». Giza eskubideen aldeko Argituz elkarteak proposatu zuen Beristainen hautagaitza, eta epaimahaiak aho batez izendatu zuen saritu. Izan ere, epaimahaiaren ustez, Beristainek egiten duen lana «erabat egokitzen da sariaren printzipioetara; alegia, erabat hautsita dauden eta gatazka bortitz larriek astindu dituzten gizarteetako biktimen memoria berreskuratzeko eta haiei laguntzeko lana, baita irakaskuntzako, ikerketako eta giza eskubideen urraketa larrien prebentziorako lana ere». Gogoratu dute, besteak beste, Euskal Herrian, Saharan, Guatemalan eta Kolonbian lan egin duela. Monika Hernando Jaurlaritzako Biktimen, Giza Eskubideen eta Aniztasunaren zuzendariak azaldu duenez, hain zuzen, Beristainek «esperientzia handia» du munduan «biktimen arreta psikosozialean». Hernandok azaldu duenez, Beristain aholkulari izan da hainbat herrialdetako Egiaren Batzordeetan, eta Guatemalako Memoria Historikoa Berreskuratzeko txostena koordinatu zuen, bertzeak bertze. Halaber, gaur egun Egiaren Batzordeko kidea da Kolonbian, baita Ayotzinapako (Mexiko) 43 desagertuen kasurako Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarreko Aditu Independenteen Diziplinarteko taldeko kidea ere. BERRIAk herrialde horietan egiten duen lanaz galdetu zion 2017an, eta honela adierazi zuen: «Enpatiaz soilik uler daiteke biktimen familien errealitatea». Saria, hilaren 10ean Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak emanen dio Beristaini saria, abenduaren 10ean: alegia, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean. Halaber, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak abenduaren 10eko Giza Eskubideen Nazioarteko Egunerako aukeratu duen leloa aurkeztu du gaur goizeko agerraldian: Gaur, inoiz baino gehiago, kutsatu elkartasuna! Zure eskubideak, guztionak. Artolazabalek nabarmendu du «euskal gizarte adiskidetua eta baketsua» duela helburu hark gidatzen duen sailak: «Aurrean giza eskubideekiko errespetuaren, defentsaren eta sustapenaren printzipioa duen euskal gizartea».
2020-12-4
https://www.berria.eus/albisteak/190693/hegoaldean-601-positibo-atzeman-dituzte-bezperan-baino-196-gutxiago.htm
Gizartea
Hegoaldean 601 positibo atzeman dituzte, bezperan baino %19,6 gutxiago
11.500 PCR eta antigeno proba egin ziren atzo, eta %5,2k eman zuten positibo
Hegoaldean 601 positibo atzeman dituzte, bezperan baino %19,6 gutxiago. 11.500 PCR eta antigeno proba egin ziren atzo, eta %5,2k eman zuten positibo
Ostegunean bazirudien beheranzko joera geldotu egin zela, baina gobernuek gaur emandako azken datuek jaitsiera baieztatu dute. Eguneroko bilakaerak gorabeherak ditu: ostegunean, Araba izan zen kasu gutxiago izan zituen lurralde bakarra Hego Euskal Herrian, eta, ostiralean, Araba izan da kasu kopuruak igo diren lurralde bakarra. Oro har, Hego Euskal Herrian 602 positibo atzeman zituzten atzo, aurreko egunean baino %19,6 gutxiago. Gainera, azken hamalau egunetako batezbestekoaren (702) nabarmen azpitik geratu da. Araban, positiboek %9,5 egin dute gora, eta 103 positibo atzeman dituzte. Gainerakoetan, behera egin du: Bizkaian, 208 kutsatu detektatu dituzte, bezperan baino %30 gutxiago; Gipuzkoan, 205, aurreko egunean baino %15 gutxiago, eta Nafarroan 82, %29 gutxiago. Atzo, 11.500 PCR eta antigeno proba egin ziren Hegoaldean, eta horietatik %5,2k eman zuten positibo. Ehuneko interesgarria da, Osasunaren Munduko Erakundeak %5eko positibo tasa lortzea gomendatzen duelako. Osakidetzan eta Osasunbidean 599 herritar daude ospitaleratuta, bezperan baino sei gutxiago —apurka, ospitaleko presioa arintzen ari da, baina oraindik orain urriaren 18ko egoeraren parean dago—. Egun, Hegoaldeko ospitaleetan 440 eri daude gela arruntetan, eta 159 ZIUko oheetan, bezperan baino bi gehiago. Pirinio Atlantikoetan, beherantz Iparraldeko daturik ez dago, baina gaur Akitania Berriak asteroko datuak kaleratu ditu, eta Pirinio Atlantikoak departamenduan asteko intzidentzia tasak behera egin du: azaroaren 2an, 100.000 biztanleko 480 zen, eta abenduaren 1ean, 133. Hortaz, Iparraldeko daturik ez izan arren, islatzen du ezarritako neurriek nabarmen murriztu dutela beheranzko joera, duela hilabete bat intzidentzia tasa 3,6 bider handiagoa baitzen departamendu osoan. Ospitaleen egoerari dagokionez, 250 herritar daude ospitaleratuta departamenduko ospitaleetan, horietatik 17 ZIUko oheetan. Intzidentza tasek diotena Egunero gorabeherak izan arren kasu kopuruan, intzidentzia tasak beheranzko joera islatu du Hego Euskal Herrian ere. Egun, Araban urriaren 26ko egoeran dira; Bizkaian, urriaren 22ko egoeran; Gipuzkoan, urriaren 19koan; eta Nafarroan, abuztuaren 19koan. Oraingoz, neurriek Nafarroan izan dute eraginik handiena, 100.000 biztanleko intzidentzia tasak islatzen duenez: azken 14 egunetako kasuak aintzat harturik, Bizkaian 100.000 biztanleko 322,9 kasu dituzte; Araban, 353; eta Gipuzkoak du intzidentziarik handiena, oraindik ere 476,9.
2020-12-4
https://www.berria.eus/albisteak/190694/gazteenen-bakardadeaz.htm
Bizigiro
Gazteenen bakardadeaz
Pandemia garaiak etxean eta norbere baitara bilduta harrapatu ditu nerabe eta gazte asko. Bakardadea, tristura, asperdura, amorrua eta antsietatea bizi izan dituzte, besteak beste. Haiekin, irakasleekin eta psikologoekin hitz egin du BERRIAk, eta erreportaje bat kaleratuko du bihar
Gazteenen bakardadeaz. Pandemia garaiak etxean eta norbere baitara bilduta harrapatu ditu nerabe eta gazte asko. Bakardadea, tristura, asperdura, amorrua eta antsietatea bizi izan dituzte, besteak beste. Haiekin, irakasleekin eta psikologoekin hitz egin du BERRIAk, eta erreportaje bat kaleratuko du bihar
Gazteen Euskal Behatokiak «nola daramazu?» galdera egin die 15 eta 34 urte bitarteko 1.400 gazteri —martxoan ere egin zuten inkesta berbera, eta urriaren 30etik azaroaren 4ra egin dute bigarrena—. Aste honetan bertan eman dituzte emaitzak argitara: hamar gaztetik zazpik amorrua, haserrea eta asperdura sentitzen dituzte pandemia garaian, baita kezka eta beldurra ere. Erdiek tristura, antsietatea eta bakardadea nabaritu dituzte uneren batean. Ondorio nagusi bat: tristeziak eta etsipenak gora egin duela gazteen artean martxotik hona. Andoaingo (Gipuzkoa) Aita Larramendi ikastolako 17 urteko bost ikaslerekin solasaldia izan du BERRIAk, eta pandemia garaian bizi izandakoak azaldu dituzte. Haien irakasleak, berriz, pandemia garaian ikasleengana hurbiltzeko izan dituzten zailtasunak nabarmendu ditu. Carmen Maganto EHU Euskal Herriko Unibertsitateko ohorezko psikologia irakasleak eta Saioa Otegi Saiatuz psikoterapia zentroko psikologoak eman dituzte edade horrek berez dakartzan korapiloei buruzko argibideak, eta osasun krisiak areagotu dituenei buruzko azalpenak. Zinema estreinaldiei dagokienez, Pedro Collantesen El arte de volver film luzea estreinatuko da hurrengo ostiralean Hego Euskal Herrian. Luzaroan etxetik urrun egon den pertsona baten itzulera du ardatz. Telesailen atalean, El Estado contra Pablo Ibar dokusaila hizpide. HBOk estreinatuko du, Olmo Figueredo zinemagile sevillarrak zuzendu du, eta Irusoin euskal ekoiztetxearekin lankidetzan ondu dute. Horietaz gain, kode poesiari buruzko erreportajea ere bai. Programazio lengoaian idatzitako olerkiei deritze kode poesia. Aplikazioak egiteko lengoaia olerkiak ontzeko erabiltzen hasi dira, eta euskaraz ere badaude, Puntueus fundazioaren egitasmo bati esker.
2020-12-4
https://www.berria.eus/albisteak/190695/bi-pertsona-atxilotu-dituzte-barakaldon-agertutako-gorpuzkiekin-lotura-dutelakoan.htm
Gizartea
Bi pertsona atxilotu dituzte, Barakaldon agertutako gorpuzkiekin lotura dutelakoan
Uztailean desagertutako gizon batenak izan daitezke arrastoak. Gizon bat eta emakume bat atzeman dituzte, baina oraingoz ez diete deliturik leporatu.
Bi pertsona atxilotu dituzte, Barakaldon agertutako gorpuzkiekin lotura dutelakoan. Uztailean desagertutako gizon batenak izan daitezke arrastoak. Gizon bat eta emakume bat atzeman dituzte, baina oraingoz ez diete deliturik leporatu.
Joan den astean Barakaldoko (Bizkaia) Arrontegi mendian agertutako gorpuzkiekin lotura izan dezaketelakoan, bi pertsona atxilotu ditu Ertzaintzak. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, bikote harremana duten gizon bat eta emakume bat atzeman dituzte, ikerketa prozesuaren barruan, baina ez diete hilketarik egotzi, oraingoz behintzat. Barakaldoko Epaitegiak sekretupean jarri du kasua. DNA proben baieztapena falta den arren, Ertzaintzak uste du uztailean desagertutako 62 urteko gizon batenak direla azaroaren 26an agertutako arrastoak. Haren desagertzea ikertzen ari zirela jo zuten poliziek mendira, aztarna berriak aurkitzeko asmoz. Gorpuzkiak nola agertu ziren kontuan izanda —hilotza moztu egin dute, eta hankak baino ez dituzte topatu—, ikerlariek ondorioztatu dute gizona ez zela bere borondatez desagertu eta erail egin zutela.
2020-12-4
https://www.berria.eus/albisteak/190696/irunea-mediterraneoa-2050-alderako.htm
Gizartea
Iruñea «mediterraneoa», 2050 alderako
Udalak aztertu du klima aldaketak nola eragingo liokeen hiriari. Mende erdialderako Andaluziako klimaren tankerakoa izan dezakeela ondorioztatu du.
Iruñea «mediterraneoa», 2050 alderako. Udalak aztertu du klima aldaketak nola eragingo liokeen hiriari. Mende erdialderako Andaluziako klimaren tankerakoa izan dezakeela ondorioztatu du.
Klima aldaketak joera berarekin jarraitzen badu, Mediterraneo aldeko klimaren antzeko bat izan dezake aurki, Iruñeko udalak Go Green proiektuaren barruan egin duen azterketaren arabera. Tenperaturak igotzen jarraitzen badu eta euri kolpeak gero eta sarriagoak badira, ondorioak kliman ez ezik herritarren osasunean eta hirian bertan ere nabarituko dira, azterketa horren arabera. Klima aldaketak nolako ahuldadeak eta arriskuak ekar ditzakeen aztertu dute. Lehorteak eta uholdeak ugaritu litezke, hasteko. Aspaldian, mendebaldeko kostako klima maritimo etiketaren pean sailkatu izan da Iruñea, baina gaur egun subtropikal heze gisa katalogatzen da, eta etorkizunean uda hotzeko mediterraneoa bihur liteke, eta erabat mediterraneoa 2050 aldera. Bero oldeek eta lehorteek heriotza tasak handitzea ekar dezaketela uste dute, bestalde, eta horrek adin piramidean eragina izan dezakeela, besteak beste arnas aparatuko gaitzak zabalduko direlako. Zeharkako eraginak lirateke horiek. Baina ingurumenean zuzenean ere eragingo du: eremu berdeak gutxitu eta lehortuko dira, eta horrek gizartean eta ekonomian ekar ditzake ondorioak: lehen sektorean, kaleko zerbitzuetan, aire libreko jardueretan... Euria kolpeka egiteko joera hartzen badu, berriz, Mediterraneoan ohi duen bezala, ura drainatzeko beharrak handituko dira. Tenperatura, 0,24 gradu gora hamarkadaka 1961etik eta 2019ra bitartean, hamarkada bakoitzean 0,24 gradu igo da tenperatura Iruñea aldean. Bero handiko egunak 12 izan ohi dira orain, urtean, baina mende erdialderako 28 izan daitezke. Euriaren joeran ez dute ikusi hainbesteko aldaketarik 1961etik honako datuetan, baina datozen urteetan euri zaparrada indartsuak ugaritu egin litezkeela uste dute: egun gutxiagotan euri gehiago egingo duela, alegia. Uholdea arriskua handituko luke horrek. Urtaro jakin batzuetan pilatuko lirateke prezipitazioak, gainera, baina uztailean eta abuztuan %63 eta %53 urrituko lirateke, hurrenez hurren. Etxeetako ur hornikuntzan eragina izan dezake horrek, neurriak hartu ezean. Iruñeak daukan gastu energetikoa ere aztertu du udalak. Urtean 4,5 milioi megawatt-ordu gastatzen dira hirian, eta %54 petroliotik eratorria da. Baina gas naturala ere aintzat hartzen bada, kontsumitzen den energia guztiaren %80k erregai fosiletan du jatorria. Garraioak gastatzen du erdia baino gehiago; etxeek energia horren %22 kontsumitzen dute, eta industriak, %13. Gastu energetiko horrek ekartzen du atmosferara 1,1 milioi tona CO2 isurtzea. 2018koa da datuan: Iruñeak urte hartan gastatu zuen energia guztiaren %10 soilik zen berriztagarria. Eta %10 horren zati bat, gainera, garraio sektoreak derrigortuta darabiltzan bioerregaiak dira. Hala ere, udalak uste du kontsumo energetikoak beheranzko joera izango duela eta 2030ean %15eko gutxitze bat izan dezakeela. Udala trantsizio energetikorako eta klima aldaketako 2030ari begira lantzen ari den estrategiaren parte da ikerketa hau. Kontsumo energetikoa gutxitzea eta, horrela, atmosferara igorritako isuriak gutxitzea du helburu nagusia. Horretarako, energia berriztagarrien kontsumoa handitu nahi du, eta klima aldaketak ekar ditzakeen aldaketetarako prestatu nahi du. Ekinbide zehatzak aztertzen ari dira, horri lotuta.
2020-12-4
https://www.berria.eus/albisteak/190697/2021eko-bizkaiko-aurrekontuak-6-txikiagoak-izango-dira.htm
Ekonomia
2021eko Bizkaiko aurrekontuak %6 txikiagoak izango dira
Foru Aldundiak 7.970 milioi euro izango ditu eskura, eta horietatik 1.358 bideratuko ditu sailetara, iaz baino %5,9 gehiago
2021eko Bizkaiko aurrekontuak %6 txikiagoak izango dira. Foru Aldundiak 7.970 milioi euro izango ditu eskura, eta horietatik 1.358 bideratuko ditu sailetara, iaz baino %5,9 gehiago
COVID-19ak ekonomian izandako eragina nozituko du 2021. urtean Bizkaiko Foru Aldundiak, eta, horrenbestez, aurrekontuak aurtengoak baino %6 txikiagoak izango dira. 7.970 milioi euro izango ditu eskura, aurten baino 506 gutxiago. Horiek lortzeko, gainera, eta jakina zen bezala, zorpetzera joko du, eta zor hori 410 milioi eurokoa izango da. Zor aurreikuspen horren zati bat, 60 milioi euro, zorpetu nahi duten udalen zorra bere gain hartzeko bideratuko ditu. Udalek berez ezin dute zorpetzera jo, baina aldundiak horretarako modua emateko legezko bidea aurkitu du. Unai Rementeria ahaldun nagusiaren arabera, aurrekontu hauek «ahalegin izugarria» izan dira aldundiarentzat. Pandemiak utzi duen «salbuespenezko egoerari» eman beharreko «ezohiko erantzun» gisa deskribatu ditu. Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantzen foru diputatuak azaldu du itundutako zergen bilketa %9,8 jaitsi dela, 804 milioi gutxiago bildu dituela aldundiak, eta horrek eragin duela aurrekontuen jaitsiera eta zorpetzea. Hark azaldu du zorra «lanabes erabilgarria» dela, baina zentzuz erabili beharrekoa, «gero ordaindu egin behar delako». Aurrekontuak txikiagoak izango dira, baina, hala ere, aldundiak diru gehiago jarriko du sailen esku: 1.358 milioi euro, iaz baino %5,9 gehiago. Gizarte sailak hartuko du aurrekontuaren zatirik handiena: %43, eta guztiek diru gehiago jasoko dute hiruk izan ezik: ekonomia sustapena, ogasuna eta finantzak, eta iraunkortasuna eta ingurune naturala. Jaitsiera horien eraginaren zantzu batzuk eman ditu ahaldun nagusiak, esaterako BECen zorra birnegoziatu izana edo ur partzuergoak bere gain hartuko dituen lan batzuk, «horretarako nahikoa gihar ekonomiko baduelako», azaldu du Rementeriak. Aurrekontua erabiltzeko norabideei dagokienez, ahaldun nagusiak «lau trantsizio handi» aipatu ditu: soziosanitarioa, mugikortasun iraunkorra, digitala eta energetikoa. Pauso horiek emateko aurrekontua 87 milioi euro handiagoa izango da. Orain tramiteak hastea falta da. Sail bakoitzeko diputatuak hilaren 10 eta 14aren artean aurkeztuko ditu bere saileko aurrekontuak, eta aldundiak «otsail hasieran» onartu daitezela espero du.
2020-12-4
https://www.berria.eus/albisteak/190698/podemosek-salatu-du-eajk-aurrea-hartu-nahi-diola-klima-aldaketaren-legeari.htm
Gizartea
Podemosek salatu du EAJk aurrea hartu nahi diola Klima Aldaketaren Legeari
Eusko Jaurlaritzak baimena eskatu dio Gasteizko Udalari, hain zuzen, lurrean zulaketak egiteko eta Shesa enpresa publikoaren bidez gasik badagoen aztertzeko asmoz. Podemosek uste du ihes egin nahi diela Espainiako Kongresuan lantzen ari den Klima Aldaketaren Legeak ezar diezazkiokeen mugei.
Podemosek salatu du EAJk aurrea hartu nahi diola Klima Aldaketaren Legeari. Eusko Jaurlaritzak baimena eskatu dio Gasteizko Udalari, hain zuzen, lurrean zulaketak egiteko eta Shesa enpresa publikoaren bidez gasik badagoen aztertzeko asmoz. Podemosek uste du ihes egin nahi diela Espainiako Kongresuan lantzen ari den Klima Aldaketaren Legeak ezar diezazkiokeen mugei.
Hidrokarburuen esplorazioa eta esplotazioa beren-beregi debekatzea jaso bide du Espainiako Kongresuan tramitatzen ari diren Klima Aldaketaren Legeak, Juantxo Lopez de Uralde Unidas Podemoseko diputatuak esan duenez, eta uste du EAJk aurrea hartu nahi diola Klima Aldaketaren Legeari, Gasteizko Subijanan gasa badagoen esploratzeko baimenak eskatuta Miren Gorrotxategi Eusko Legebiltzarreko Elkarrekin-Podemoseko bozeramaileak eta Garbiñe Ruiz Elkarrekin Podemoseko Gasteizko zinegotziak egin dute agerraldia Uralderekin batera. Ruizek gogoratu du Euskadiko Hidrokarburuen Sozietateak, Shesa enpresa publikoak eskatu duela baimena gasa badagoen esploratzeko, eta Ruizek esan du hori erauzketaren aurreko pausoa dela. «Klima larrialdiko egoeran iraganeko neurriak ezin dira hartu», esan du Ruizek. Gorrotxategik argitu du Podemosek 2020ko aurrekontuen legea babestu zuenean EAJ konprometitu zela gas esplorazioetan aurrekontuko dirurik ez inbertitzera, eta Shesa enpresa publikoa desegiteko eskatu zutela: «Gaur egun, ikusten dugu ez dela akordio hori betetzen ari, eta horrek pentsarazten digu EAJ ez dela fidatzekoa». Uraldek gogorarazi du Kongresuan onartu berri den aurrekontuetan inoiz ez bezalako diru saila jaso dela berriztagarrien ikerketarako, eta trantsizio ekologikoaren aldeko apustu argia dela: «%140 igoko da inbertsioa». Energia berriztagarrien aldeko apustua egiteko garaia dela esan du. EH Bilduk ere ildo beretik egin izan du afera honetan legebiltzarrean. Shesa desegiteko eta energia berriztagarrietan inbertitzeko eskatu diote Arantxa Tapia Ingurumen sailburuari; izan ere, datu ofizialen argitara, Shesa defizitarioa dela ikusi da. Mikel Otero legebiltzarkidearen arabera, 80 milioi euroko zuloa eragin du enpresa publikoak. Arantxa Tapiak gai honi buruz legebiltzarrean galdetu ziotenean berretsi zuenez, gasa badagoen esploratzen eta badagoen tokietan ustiatzen segituko dute, «trantsiziorako energia» gisa hartzen dutelako. Berriztagarrietan ere inbertituko dutela berretsi zuen.
2020-12-4
https://www.berria.eus/albisteak/190700/areciboko-teleskopioaren-hondoratzearen-bideoa-zabaldu-dute.htm
Mundua
Areciboko teleskopioaren hondoratzearen bideoa zabaldu dute
Asteartean erori zen 900 tonako plataforma, hari eusten zioten azken kableek huts egin ondoren. Teleskopioaz arduratzen zen AEBetako Zientziaren Fundazio Nazionalak argitaratu ditu irudiak.
Areciboko teleskopioaren hondoratzearen bideoa zabaldu dute. Asteartean erori zen 900 tonako plataforma, hari eusten zioten azken kableek huts egin ondoren. Teleskopioaz arduratzen zen AEBetako Zientziaren Fundazio Nazionalak argitaratu ditu irudiak.
Areciboko (Puerto Rico) behategiko irrati-teleskopioaren 900 tonako plataforma hondoratu egin zen asteartean, hari eusten zioten azken kableak apurtu baitziren. AEBetako Zientziaren Fundazio Nazionala arduratzen zen teleskopioaz, eta hondoratzearen unea erakusten duten bideoak zabaldu ditu gaur. Lehenengo bideoan, plataforma behetik ikusten da, eta euskarriek nola egiten duten huts ikusten da. Bigarrena, gailuaren gainetik grabatuta dago, drone batekin, eta kableak hausten eta plataforma amiltzen erakusten du. Teleskopioa zientziaren —eta fikzioaren— Ikono bat zen. Baina egiturazko arazoak zituen Irrati-teleskopioaren plataforma, diskoaren kontra amilduta, joan zen asteartean harturiko irudi batean. Dennis Vazquez Abuztuan kable laguntzaile bat hautsi zen, eta 30 metroko zulo bat sortu zuen azpiko diskoan. Azaroaren 6an, hari eusten zion altzairuzko kableetako bat hautsi egin zen. Isaias ekaitz tropikalak Puerto Rico astindu ondoren zabaldu zuten berriz, baina ez zuten argitu fenomenoak eragina izan ote zuen ezbeharrean. Kalteak konpontzeko ahalegina egin zuten, baina ingeniariek ikusi zuten konponduta ere egitura kolokan egongo zela luzera begira. Horregatik, azaroaren 19an, teleskopioaren arduradunek iragarri zuten egitura desmuntatu egingo zutela, «erortzeko arriskua» zegoelako, Zientzien Fundazio Nazionaleko zuzendari Sethuraman Panchanathanek azaldu zuenez. Hau da hondoraturiko egitura. Mario Roberto Duran Ortiz Puerto Ricoko iparraldean dago behategia, eta erreferentzia izan da mundu osoko zientzia komunitatearentzat. Izan ere, besteak beste, Lurraren inguruan orbitatzen duten asteroideen bila aritu dira teleskopio erraldoiaren bidez, planeta arriskuan jar baitezakete. Horrez gain, espazio urruneko objektuak, pulsarrak eta irrati uhinak aurkitu eta behatu dituzte hamarkada luzez. Adimen Estralurtarraren Bilaketa egitasmoaren tresna nagusietako bat izan da egitura. Esne Bidea galaxian zibilizazio baten zeinuen bila aritu dira han jasotako uhinak aztertuta. Hainbat filmetan agertu da, besteak beste, GoldenEye (1995), Species (1995), eta Contact (1997), baita The X-Files telesailean ere.
2020-12-4
https://www.berria.eus/albisteak/190701/preso-bat-euskal-herriratuko-dute-eta-bortz-hurbildu.htm
Politika
Preso bat Euskal Herriratuko dute, eta bortz hurbildu
Balbino Saenz Olarra da Euskal Herriratuko dutena: Zaballara eramanen dute, Valladolidetik. Jon Igor Solana Matarran eta Eider Perez Aristizbal Zuerara mugituko dituzte; Asier Garcia Justo eta Ismael Berasategi Eskudero, Asturiasera; eta Aitor Herrera, El Duesora.
Preso bat Euskal Herriratuko dute, eta bortz hurbildu. Balbino Saenz Olarra da Euskal Herriratuko dutena: Zaballara eramanen dute, Valladolidetik. Jon Igor Solana Matarran eta Eider Perez Aristizbal Zuerara mugituko dituzte; Asier Garcia Justo eta Ismael Berasategi Eskudero, Asturiasera; eta Aitor Herrera, El Duesora.
Espainiako Espetxe Erakundeek hala erabakita, euskal preso bat Euskal Herrira ekarriko dute, eta bertze bortz preso Euskal Herritik 300 bat kilometrora edo gutxiagora dauden kartzeletara hurbilduko dituzte. Euskal Herriratuko dutena Balbino Saenz de Olarra da: Valladolidetik (335 kilometro) Zaballako espetxera ekarriko dute (Araba). Algecirastik (Andaluzia, 1.100 kilometro) bi preso hurbilduko dituzte, eta biak eramanen dituzte Zuerara (Espainia, 245 kilometro): Jon Igor Solana Matarran eta Eider Perez Aristizbal. Azaroan jakinarazi zuten espetxe horretan dagoen Angel Lopez Anta Leonera mugituko zutela; beraz, hiru horiek mugituta, ez litzateke euskal presorik geldituko Algecirasko espetxean. Mugituko dituzten bertze presoak Asier Garcia Justo, Ismael Berasategi Eskudero eta Aitor Herrera dira: Garcia eta Berasategi Asturiasera mugituko dituzte (Espainia, 385 kilometro), Badajozetik (Espainia, 755 kilometro) eta Alacantetik (Herrialde Katalanak, 700 kilometro), hurrenez hurren. Garcia zen Badajozen zegoen azken euskal presoa; beraz, hura mugituta, Badajozko espetxean ere ez da euskal presorik izanen. Herrera, berriz, A Lamatik (Galizia, 740 kilometro) El Duesora (Kantabria, Espainia, 170 kilometro) mugituko dute. Asier Garciari eta Ismael Berasategiri, gainera, bigarren gradua ere emanen diete. BERRIAren azken zenbaketen arabera, 2018ko ekainetik 99 euskal preso hurbildu edo Euskal Herriratuko dituela iragarri du Espainiako Gobernuak —horietako mugimendu batzuk oraindik ez dituzte gauzatu—.
2020-12-4
https://www.berria.eus/albisteak/190702/bilboko-portuko-zamaketariak-greba-utziko-dute-negoziazioei-berrekiteko.htm
Ekonomia
Bilboko portuko zamaketariak greba utziko dute negoziazioei berrekiteko
57 eguneko protestaldiaren ondoren larunbatean lanera itzuliko dira Lan Ministerioaren bide orria errazteko. Enpresak baldintza zorrotzak jarri dituen arren, elkarrizketaren aldeko apustua berretsi dute zamaketariek.
Bilboko portuko zamaketariak greba utziko dute negoziazioei berrekiteko. 57 eguneko protestaldiaren ondoren larunbatean lanera itzuliko dira Lan Ministerioaren bide orria errazteko. Enpresak baldintza zorrotzak jarri dituen arren, elkarrizketaren aldeko apustua berretsi dute zamaketariek.
Bilboko portuko zamaketariak lanera itzuliko dira larunbateko 08:00etan. 57 eguneko grebaldiaren ondoren Espainiako Lan Ministerioak gatazka konpontzeko diseinaturiko bide orriari eutsiko diote, eta horretarako ezinbestekoa zen greba uztea. Iragan astelehenean hartu zuten erabakia, baina Bilbo Estibak zamaketa enpresak negoziazioei baldintza zorrotzak ezarri ondoren, zamaketarien ordezkariak berriz ere bildu dira, eta negoziazioei argi berdea ematea erabaki du langile batzordearen gehiengoak. Lan Ministerioa izan da bide orria martxan dela baieztatu duena. Gauzak hala, zamaketarien ordezkari eta enpresak beraien arteko negoziazioak hasi behar dituzte. Bi aldeek onarturiko bide orriaren arabera, gutxienez bi aldiz elkartu beharko dira abenduaren 21aren aurretik. Ondoren, 22an, hiruko bilera bat egin beharko dute, enpresak, sindikatuak eta Espainiako Lan Ministerioa elkartuko dituena. Ondoren enpresa eta sindikatuen arteko bigarren negoziazio prozesu bat hasiko da urtarrilaren 12ra arte. 13an berriz bilduko dira hiru aldeak. Asteak dira enpresa eta zamaketariak ez direla biltzen, eta ez da erraza izango bideari ekitea. Azken hilabeteetan hainbatetan bildu dira, baina Lan Ministerioaren presioak akordioa erraztu dezake. Momentuz greba bertan behera utziko dute, abenduaren 9ra arteko deituta baitzuten. Ikusi beharko da bide orriak fruitua ematen duen. Hala izan ezean gatazka luzatu egingo da urtarrilean. Behin horra iritsita, zaila litzateke arbitraje loteslea saihestea. Enpresek publikoki edan dute bide hori gustuko dutela, ez ordea sindikatuek, eta dirudienez, ezta Espainiako Gobernuak ere.
2020-12-4
https://www.berria.eus/albisteak/190703/atzerritarrentzako-zentro-itxi-batean-sartzea-debekatu-diote-eurodiputatu-talde-bati.htm
Mundua
Atzerritarrentzako zentro itxi batean sartzea debekatu diote eurodiputatu talde bati
EH Bilduko eta Unidas Podemoseko ordezkariak Barranco Seco CIEra joan dira migratzaileak han nola dauden ikustera, baina Espainiako Poliziak ez die utzi sartzen. «Gertaturikoa harrigarria da», salatu du Barrenak.
Atzerritarrentzako zentro itxi batean sartzea debekatu diote eurodiputatu talde bati. EH Bilduko eta Unidas Podemoseko ordezkariak Barranco Seco CIEra joan dira migratzaileak han nola dauden ikustera, baina Espainiako Poliziak ez die utzi sartzen. «Gertaturikoa harrigarria da», salatu du Barrenak.
EH Bilduko eta UP Unidas Podemoseko ordezkari politikoak Kanarietako Barranco Seco CIE atzerritarrentzako zentro itxira joan dira migratzaileen egoera ezagutzera, baina Espainiako Poliziak ez die utzi sartzen. Jon Iñarritu koalizio subiranistaren Espainiako Kongresuko diputatuak salatu du bigarren aldia dela Espainiako Barne Ministerioak ez diola gune horretan sartzen utzi: «Aitzakia eta argudio desberdinak ematen dituzte. Esan digute dena ez dagoela ondo antolatuta, eta oraindik muntatzen ari direla». Iñarriturekin batera izan da Europako Parlamentuko ordezkaritza bat, EH Bilduko Pernando Barrenak, UPko Miguel Urbanek eta Suediako Ezkerreko Alderdiko Malin Bjorkek osatua. Poliziaren ezezkoaren ostean, Urban kezkatuta agertu da CIEan dauden migratzaileen egoeraren inguruan, «batez ere 72 ordu baino gehiago» daramatenengatik, eta errealitate batez ohartarazi du: orain arte soilik Espainiako Poliziak eman diela ezezkoa. «Kezkagarria da». Aldiz, Frontex eta «Europako bestelako agentziak» Barranco Secon sartzen direla salatu du UPko eurodiputatuak: «Egoera fiskalizatu nahi dugu, eta ezin dugu halakorik egin».Bjork, Urban, Barrena eta Iñarritu Kanarietako Barranco Seco CIEaren sarreran, gaur, polizia batekin hizketan. @Left_EU Barrenak BERRIAri adierazi dio «gertaturikoa harrigarria» dela: «Horrelako zentro askotan egon gara Grezian, Kroazian, [Europako] batasunean dauden hot spot-etan, inongo arazorik gabe, eta non eta estatu espainolean izaten dira halako arazoak, eta emandako arrazoiak ez dira onargarriak». Bjorkek, berriz, ohartarazi du egoera «kritikoa» dela, eta garrantzitsua dela «Moria gehiago ez sortzea», Greziako egoerari erreferentzia eginez: «Politika hau lotsagarrria da Europarentzat. Oinarrizko eskubideak urratzea eragiten du». Aurten 19.000 errefuxiatu baino gehiago iritsi dira Kanarietara, Espainiako Barne Ministerioaren arabera; denera, 640 patera ingurutan, horietako gehienak Kanaria Handia irlara. 2006az geroztik izandako kopururik handiena da, eta, iazkoarekin konparatuta, gorakada nabarmena izan da: %881,7 gehiago.
2020-12-4
https://www.berria.eus/albisteak/190704/ghk-k-dio-zubietako-erraustegian-energia-sortzeko-baimena-jaso-duela.htm
Gizartea
GHK-k dio Zubietako erraustegian energia sortzeko baimena jaso duela
Gipuzkoako Ingurumen diputatuak dio Zubietako erraustegiaren jarduera normaltasunaren barruan dagoela. Erraustegiaren jarduera eteteko eskatu diote EH Bilduk eta Elkarrekin Gipuzkoak.
GHK-k dio Zubietako erraustegian energia sortzeko baimena jaso duela. Gipuzkoako Ingurumen diputatuak dio Zubietako erraustegiaren jarduera normaltasunaren barruan dagoela. Erraustegiaren jarduera eteteko eskatu diote EH Bilduk eta Elkarrekin Gipuzkoak.
Joan den asteazkenean jakin zen Zubietako erraustegia industria jarduerari dagokion baimen garrantzitsu bat gabe geratu dela, eta martxan jartzeko behin-behineko aktarik gabe ere ez dela eten erraustegiaren jarduera. Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatu eta GHK Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketako lehendakariak gaur arratsaldean jakinarazi du Zubietako erraustegia daraman enpresak argindarra sortzeko instalazioa martxan jartzeko behin-behineko baimena jaso duela. Arratsaldean bertan jaso dute jarduera baimentzen duen agiria, Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak ukatu eta lau egunera. Asensiok ohar batean adierazi du baimena luzatzen duen agiriak agerian uzten duela batzuk «manipulatu» nahi izan dutela «tramite administratibo hutsa» izan dena. «Garrantzitsuena da Gipuzkoak lehen mailako azpiegitura duela eta hondakinen kudeaketaren arazoa konpondua duela». Ohar hori bidali baino ordu batzuk lehenago, Asensiok agerraldia egin du Zubietako erraustegiari buruzko azalpenak emateko, eta ukatu egin du inolako arazorik dagoela erraustegiaren baimenekin. Azpimarratu du ingurumen eta industria jarduerarekin lotutako lizentziak «behin betikoak» direla. Beharrezko baimen guztiak dituela berretsi du. Hala ere, gaineratu du ez dutela ezer ordaindu eta ez dutela ezer ordainduko erraustegia abian jartzeko akta sinatu arte. Ingurumen diputatuak azaldu du otsailetik Gipuzkoa «buruaskia» dela hondakin guztiak kudeatzeko eta ez duela zabortegirik erabiltzen. Alde horretatik, esan du orain arte 100.000 tona hondakin baino gehiago tratatu dituela, eta hortik ia 4 milioi kilowatt-orduko energia sortu dela balorazio energetikoaren bitartez; horietatik %84 Red Electricak kudeatzen duen sistemara bidali dela esan du, eta gainerako %16a plantaren autokontsumora bideratu dela. Goizean, EH Bilduko Juan Karlos Izagirrek eta Elkarrekin Gipuzkoako Maria Valientek agerraldi bateratua egin dute Batzar Nagusietan, eta kezka agertu dute Zubietako erraustegiaren inguruan gertatzen ari den guztiarekin. Hala, erraustegiaren jarduera bertan behera uzteko eskatu dute bi taldeek, baita enpresari ordainketak eteteko ere, egoera argitu bitartean. Adierazi dute hondakinen kudeaketa pribatizatu izanak kontrol publikoa eragozten duela eta horren ondorioak ari direla ikusten azken hilabeteotan.
2020-12-4
https://www.berria.eus/albisteak/190705/altsasu-telesaila-asteazkenean-estreinatuko-dute.htm
Bizigiro
'Altsasu' telesaila asteazkenean estreinatuko dute
Asier Urbieta da telesailaren zuzendaria. Harekin batera, Eider Gabilondo izan da ekoizpenaren zuzendaria, eta Harkaitz Canok, Mikel Alvarezek eta Andoni De Carlosek osatu dute gidoilari taldea.
'Altsasu' telesaila asteazkenean estreinatuko dute. Asier Urbieta da telesailaren zuzendaria. Harekin batera, Eider Gabilondo izan da ekoizpenaren zuzendaria, eta Harkaitz Canok, Mikel Alvarezek eta Andoni De Carlosek osatu dute gidoilari taldea.
Alardea eta Hondar ahoak telesailak eman ostean, ETB1ek bere telesail berria erakutsiko du datozen lau asteazkenetan: Altsasu. Kuadrilla eta interes desberdinetako zortzi gazte, elkarren artean harreman sendorik ez zuen gazte taldea, prozesu judizial batek kateatuko du. Auziaren jatorria zerbitzuz kanpo zeuden Guardia Zibileko bi kiderekin taberna batean gauez izandako liskarra da; haren ondorioz antolatutako talde izatea leporatu zieten zortzi gazteei. Benetako gertaera horiek dira telesailaren oinarria. Dokumentazio ofizialean deskribatzen diren gertakariak eta une bakoitzeko kronikak dira kontakizunaren bizkarrezurra. Egoera eta giro arrotz batek ezustean harrapatutako pertsonaien bizi-birak kontatu eta fikzioratu dituzte Altsasu-n. Hala, gertatutakoaren inguruan ikusleen hausnarketa bultzatzea du helburu telesailak. Asier Urbietak zuzendu du telesaila. Asteon, BERRIAk elkarrizketa bat argitaratu du Urbietarekin. Bertan azaldu duenez, Baleuko ekoiztetxeak egin zion fikzioa zuzentzeko proposamena. Harkaitz Canok, Mikel Alvarezek eta Andoni De Carlosek osatu dute gidoilari taldea. Aktoreak, berriz, honako hauek dira: Jon Olivares, Erik Probanza, Nikola Zalduegi, Aia Kruse, Asier Oruesagasti, Julen Jimenez, Xabier Elizalde eta Ander Azurmendi. Horiek dira protagonista gazteak, eta zortzi auzipetuen rola egingo dute. Bestetik, guardia zibilak, Cristian Merchan eta Jorge Monje dira; Yasmina Drissik guardia zibilaren neska lagunarena egingo du. Aktore taldea osatzeko, berriz, aktore ezagun sorta bildu dute: Jose Ramon Soroiz, Miren Gojenola, Jose Ramon Argoitia eta Itziar Atienza. Telesaila gaur aurkeztu du ETBk, Donostian.
2020-12-4
https://www.berria.eus/albisteak/190706/donostia-ospitaleko-ziuko-langileek-elkar-zaintzeko-eskatu-dute-bertsotan.htm
Gizartea
Donostia ospitaleko ZIUko langileek «elkar zaintzeko» eskatu dute, bertsotan
Donostia ospitaleko ZIUko langileek «elkar zaintzeko» eskatu dute, bertsotan.
Bob Marleyren No, Woman, No Cry kantuaren doinuekin, eta Felix Zubia medikuak ondutako bertsoak kantatzen, bideo bat egin dute Donostia ospitaleko zainketa intentsiboetako unitateko langileek. EITB Maratoiaren ekimenaren barruan egin dute bideoa. Sendagileak, erizainak, laguntzaileak, zaintzaileak eta mantenuko langileak agertzen dira bideoan, koronabirusaren eraginen kontrako eguneroko borrokan irudi batzuetan, eta abesten bestetan. Hauek dira Zubiak eginiko bertsoak: «Martxotik hasi eta gaur arte gabiltza EPIa jantzita. Une gogorrak ditugu, baina ez gaude guztiz etsita. Sufrimendua, bakardadea Isolamenduaz batera. Heriorekin borrokan eta bizitzak aurrera atera. Ez negar egin, gu elkarrekin. Ez negar egin, gu elkarrekin. Lehen olatua pasa zen eta eman dugu bigarrena. Zientzia dugu lagun on eta jendartearen kemena. Txertoa dugu bidean eta itxaropenaren printza dakar arren, unea iritsi arte segi denok zaintzen elkar. Ez negar egin, gu elkarrekin. Ez negar egin, gu elkarrekin.» Amaieran, testu baten bidez besarkada bat bidaltzen diete izurriaren eraginez «norbait galdu» dutenei, eta txaloak eskaintzen dizkiete animo mezuak bidali dizkietenei. «Segi dezagun elkar zaintzen». ZIUko sendagilea izateaz gain, komunikatzaile trebea da Zubia. Euskadi Irratiko Osasunaren etxea irratsaioa egiten du, Arantza Artza kazetariaren gidaritzapean. Joan zen astean, Rikardo Arregi saria jaso zuten biek koronabirusaren inguruan azken hilabeteotan egindako lanarengatik. «Zerbitzu publiko eredugarria» eskaini dutela nabarmendu zuen epaimahaiak, eta azken hilabeteetan erreferentzia bihurtu direla.
2020-12-4
https://www.berria.eus/albisteak/190707/madrilek-hamabost-edo-hogei-milioi-lagun-txertatu-nahi-ditu-ekainerako.htm
Gizartea
Madrilek hamabost edo hogei milioi lagun txertatu nahi ditu ekainerako
Eusko Jaurlaritzak COVID-19aren aurka hartutako neurriei «babes esplizitua» erakutsi die Salvador Illak, Donostiara egin duen bisitan.
Madrilek hamabost edo hogei milioi lagun txertatu nahi ditu ekainerako. Eusko Jaurlaritzak COVID-19aren aurka hartutako neurriei «babes esplizitua» erakutsi die Salvador Illak, Donostiara egin duen bisitan.
Donostian izan da gaur Salvador Illa Espainiako Gobernuko Osasun ministroa, Viralgen enpresan, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuarekin batera. Illak ondoren emandako prentsaurrekoan jakinarazi duenez, segur aski COVID-19aren aurkako txertoa ekoizten hasiko dira bertan. Kazetarien galderei erantzunez, txertaketari buruzko zehaztasun batzuk eman ditu. Hiru etapa izango ditu planak, eta lehenengoan, lau talde txertatzeko asmoa dute: adinekoen egoitzetan dauden pertsonak, haiek artatzen dituzten osasun langileak, «lehen lerroan» dauden osasun langileak eta menpekotasun handia daukaten pertsonak. Txertaketa horiek urtarrilean eta otsailean egin nahi dituzte, eta espero dute bi milioi eta erdi lagunengana iristea. Txertaketa kanpainarekin urtarrilaren hasieran hasi nahi dutela esan du, baina ez du data zehatzik eman. Ziurtatu du prest egongo direla lehen dosiak iristen direnerako. Beste aurreikuspen baten berri ere eman du: maiatz-ekainetarako hamabost eta hogei milioi pertsona artean txertatzea. Horretarako, ordea, bi baldintza bete behar direla azpimarratu du: Sendagaien Europako Agentziak txertoa laster baimentzea eta dosien «entrega eraginkorra» egitea. Datuen errepasoa ere egin du Illak. Haren hitzetan, egoera hobetzen ari da, baina oraindik kopuruak handiak dira. Hori dela eta, eskatu du Gabonetan etxean geratzeko: «Zenbat eta mugikortasun gutxiago, hobe». Babesa Jaurlaritzari Illak Euskal Herrira egindako bisita aprobetxatu du Eusko Jaurlaritzaren, eta, bereziki, Gotzone Sagarduiren «kontsentsurako eta akordiorako izpiritua» eskertzeko. Gainera, «babes esplizitua» adierazi zien Eusko Jaurlaritzak pandemiari aurre egiteko hartu dituen neurriei.
2020-12-4
https://www.berria.eus/albisteak/190708/teknikariok-gutako-erdiek-ezingo-dute-beste-urte-erdiz-iraun.htm
Kultura
Teknikariok: «Gutako erdiek ezingo dute beste urte erdiz iraun»
Kultur emanaldietako teknikarien sindikatuak EAEko erakundeen laguntzak «urriak eta gaizki diseinatutakoak» direla salatu du. Erantsi duenez, sektoreko langileen %60 lanik gabe daude oraintxe bertan; diru sarrerak %50 jaitsi zaizkie batez beste, laguntzak kontuan hartuta; eta %15ek ez dute ez laguntzarik ez lanik.
Teknikariok: «Gutako erdiek ezingo dute beste urte erdiz iraun». Kultur emanaldietako teknikarien sindikatuak EAEko erakundeen laguntzak «urriak eta gaizki diseinatutakoak» direla salatu du. Erantsi duenez, sektoreko langileen %60 lanik gabe daude oraintxe bertan; diru sarrerak %50 jaitsi zaizkie batez beste, laguntzak kontuan hartuta; eta %15ek ez dute ez laguntzarik ez lanik.
«Martxoan ixtera behartu gintuzten, eta, bederatzi hilabete geroago, okerrago gaude. Sindikatu gisa eratu behar izan dugu gure eskubideak defendatzeko». Hala azaldu dute Teknikariok sindikatuko kideek beren zioa, Durangoko (Bizkaia) Plateruenan eman duten prentsaurrekoan. Bertan, kultur ekitaldietako eta emanaldietako teknikarien egoerak azken hilabeteetan izan duen bilakaera azaldu dute. Hasteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Kultura Sailarekin, Lan Sailarekin, Eudelekin eta Kulturaren Euskal Behatokiarekin hitz egin dutela nabarmendu dute. Bizkaiko Aldundiari ere eskatu omen diote bilera, besteak beste, «baina gure bilkura deialdiei ez die erantzunik eman». Euren egoerari buruzko azterketa ofizial bat eskatu die erakundeei Teknikariok-ek, «laguntzak egokitu ahal izateko, neurri zehatzak sortzeko». Erantzun bera jaso du beti, baina: datuak lortzea oso zaila dela. Sindikatuak berak egin duen azterketaren datuak eman dituzte, bada, pandemiak itxuraldatutako Durangoko 55. Azokaren testuinguruan. Datuak Martxotik orain artean erakunde publikoek hartu dituzten erabakiak eta abiarazi dituzten laguntza lerroen emaitzak aletu dituzte lehenik gaurko agerraldian. Soldatapeko finkoak diren teknikariek –kolektiboko %23– aldi baterako erregulazioan sartzeko aukera izan dute, eta erdiek %60ko jaitsiera izan dute diru sarreretan. Aldizkako soldatapekoak, berriz –%37 dira–, laguntzarik gabe egon dira martxotik urrira bitartean, sindikatuaren arabera. Aldizkotasuna ez da kontuan hartu, eta bakarrak ere ez du jaso urriko kultur sektorekoentzako laguntza. «Kultura Sailak eta Lanbidek uste zuten artista eta toreatzaileen erregimen berezian ematen zitzaigula alta, baina erregimen orokorrean gaude. Ondorioz, ez gara kultura laguntzetan sartu» Autonomoak, azkenik, sektoreko %40 dira, eta jarduera etena izan dute martxo eta ekain bitartean. Uztailetik irailera bitarteko laguntza luzapena %2k jaso dute. Eusko Jaurlaritzak kultur arloko langile guztientzat bideratu zuen 2,5 milioi euroko laguntza, berriz, hiru teknikarik bakarrik jaso dute EAE osoan. «Ba al zekiten baldintzek ia denok kanpoan utziko gintuztela?». Sektore osoa kontuan hartuz, kultur ekitaldi eta ikuskizunetako langileen %60 ez dira lanean ari, Teknikariok-en arabera; euren diru sarrerak %50 jaitsi dira batez beste, gainera, laguntzak kontuan hartuta; eta euretako %15ek ez dute ez laguntzarik ez lanik. «Baliteke hemendik urtebetera sektorerik ez egotea, gutakoen erdiek ezingo baitute urte erdi gehiago iraun; eta %75ek ezingo dute urtebete gehiago eutsi. Profesionalen galera hori jasanezina da kulturaren industria sarea mantentzeko». Mugimendu eza Egoera horren aurrean, administrazio publikoen aldetik «ez da ezer mugitzen», zehaztu dutenez, eta teknikarien arazoak gero eta larriagoak dira: «Laguntzak urriak, huts egindakoak, gaizki diseinatuak eta iraupen laburrekoak dira; berraktibatzea ez da iristen, jarduerak %80 jaitsi dira; ez digute kontsultarik egiten eta ez dago arazoak modu bateratuan konpon ditzakeen sektorearteko mahairik». Hori ikusirik, «politikarien eta administrazioen lana erraztuko duten datu guztiak» lortzeko ahaleginean murgildu da Teknikariok sindikatua, gaur azaldu dutenez. «Gure sektoreak BPGaren %3 eta %5 artean ematen du, kopuru horien araberako erreskatea litzateke bidezkoa». Neurriak berehala eta modu eraginkorrean hartu ezean, kultur sare osoa galbidean egon daiteke, erantsi duenez. «Sektorea desagerrarazten ari dira, eta Plateruena horren adibide argi bat da. Behin hori gertatu ondoren, nork egingo du berriro sortzeko ahalegina?».
2020-12-4
https://www.berria.eus/albisteak/190709/eten-zaio-bolada-ona-athletici.htm
Kirola
Eten zaio bolada ona Athletici
Galdu egin du Celtaren aurka San Mamesen (0-2), bigarren zatian sartu dizkioten bi golekin. Bi partida zeramatzan galdu gabe, eta etxeko azkeneko hirurak irabazita zeuzkan.
Eten zaio bolada ona Athletici. Galdu egin du Celtaren aurka San Mamesen (0-2), bigarren zatian sartu dizkioten bi golekin. Bi partida zeramatzan galdu gabe, eta etxeko azkeneko hirurak irabazita zeuzkan.
Bolada onean zen Athletic bi egoeratan: batetik, bi partida zeramatzan galdu gabe Betisi San Mamesen irabazi, eta Getafen berdindu ondoren; bestetik, etxean, azken hiru partidak irabazita zegoen (Levante, Sevilla eta Betis). Gaur hankaz gora joan zaizkio kontu on horiek guztiak: Celtak irabazi egin dio (0-2). Bigarren zatian sartu dizkio Galiziako taldeak bi golak. Aurrenekoa Hugo Mallok egin du 61. minutuan, eta bigarrena Iago Aspasek 78.ean, Unai Simonek eskuko sakea Braisi atera eta gero, huts larria eginez. Bi gol horiek ez dute jokoan ikusi dena islatzen, ez delako halako aldea egon bi taldeen artean, baina bigarrenean, beste zerbait izan du Vigoko taldeak, eta etekina atera dio. Gaizka Garitanoren taldeari dagokionez, aurreko bi partidetako hamaikako bera atera du, eta lehen zatian ondo antzean moldatu da taldea. Jokaldi azkar batzuk ere egin ditu erasoan, baina azkeneko hori falta, besta askotan bezala: pase ona edota errematea. Celtari nahiko ondo eutsi dio lehen zatiaren bigarren erditik aurrera, presio goian eginez. Txarrena da ez diola etekinik atera baloi lapurtze horiei. Bigarren zatian, estuago ibili dira etxekoak.
2020-12-5
https://www.berria.eus/albisteak/190747/euskararen-erresilientzia-goretsi-du-kirmen-uribek-poema-berri-batean.htm
Kultura
Euskararen erresilientzia goretsi du Kirmen Uribek poema berri batean
'Hitzen bat arrastoan' poema irakurri zuen atzo idazle ondarroarrak Durangoko Azoka zabaltzeko ekitaldian. Hizkuntzaren historiako pasarterik beltzenak laburbiltzen ditu, eta, besteak beste, 'Euskaldunon Egunkaria'-ren itxiera aipatzen du.
Euskararen erresilientzia goretsi du Kirmen Uribek poema berri batean. 'Hitzen bat arrastoan' poema irakurri zuen atzo idazle ondarroarrak Durangoko Azoka zabaltzeko ekitaldian. Hizkuntzaren historiako pasarterik beltzenak laburbiltzen ditu, eta, besteak beste, 'Euskaldunon Egunkaria'-ren itxiera aipatzen du.
Durangoko 55. Azoka zabaltzeko ekitaldia egin zuten atzo, Landako Gunean, eta horretarako propio ondutako poema bat errezitatu zuen Kirmen Uribe idazleak. Uribe ez zen Durangon, halere, baizik eta New Yorken, eta handik bidalitako bideo baten bidez zabaldu zuen olerkia. Euskararen sorkuntzaren historia moduko bat kontatzen du Uribek poeman. Erromatarren garaian harrietan zizelkaturiko hitz bakanen berri emanez hasten da. Batez ere hizkuntzaren historiako pasarterik beltzenak nabarmentzen ditu. Frankismoan haurrei eskoletan euskaraz hitz egiteagatik ezarritako zigorrak aipatzen ditu, esaterako. Horrez gain, gogoan hartu du Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera. Poema, edonola ere, ez da iluna, itxaropenez beterik baitago. Izan ere, kolpeak kolpe, eledunek hizkuntza bizirik iraunarazteko eduki duten sena, grina eta kemena nabarmendu ditu poetak. Hona olerkia osorik: HITZEN BAT ARRASTOAN Ez al zuen harginak, Erromatarren garaian, 'Andere' hitza irarri hilarriaren hotzean? Ez al zuen monakoak, Erdi Aroko Errioxan, 'beldur' hitza ezkutatu gaztelaniazko poemaren barruan?. Amenduxek euskaraz jarri zituen Iruñeko kartzelako penak. Liburuzainak Lazarragaren liburua beste baten barruan gorde zuen. Ez al zion eutsi ia bostehun urteko ilunbeari? Frantziar iraultzako terroreari umore biziz erantzun Monhok. Ez al zuen Bonaparte printzeak erronkarieraz aditu Burgin? Ez al zuen euskaraz amets egin hil arte Fidela Bernat haren azken hiztunak? Muñagorrik euskaraz salatu zituen karlistadetako triskantzak. Ez al zuen Bixenta Mogelek bere burua euskal idazletzat aurkeztu? Gerra zibilean liburuak ezkutatu egin genituen baratzeetan, berba berriz loratu zirenak. Ez al zituen Orexako jeinuak Peruko erbestean moldatu olerkirik ederrenak? Euskaraz hartzen zuten min diktadurako eskolako umeek. Ez al zion Arrizabalaga gazteak euskaraz erantzun Burgosko epaile militarraren sable hotsari? Beste inon ezin eta etxeetan biltzen ziren hastapeneko ikastoletako haurrak. Ez al genuen ikasi 70eko hamarkadako autoetan eta Mikel Laboaren kasetak entzunez baginela herri bat? Lehenengo Korrikan zenbat jendek egin zuen lasterka? Egunkaria itxi zutenean, ez al zen biharamunean atera beste bat? Egoerarik zailenetan eutsi diogu euskaldunok, milaka urteetako arnas luzean. Belaunaldiz belaunaldi utzi dugu hitzen bat arrastoan. Eta arrastoari beste norbaitek eman dio segida. Aurten pandemiak itxi dizkigu Durangoko ateak. Baina barruko ateak, horiek, beti ditugu zabalik.
2020-12-5
https://www.berria.eus/albisteak/190748/ezkurdia-eta-martija-arituko-dira-binakako-finalean-olaizola-eta-urrutikoetxearen-aurka.htm
Kirola
Ezkurdia eta Martija arituko dira binakako finalean Olaizola eta Urrutikoetxearen aurka
Agirre eta Albisuri 22-9 gailendu zitzaion bikotea atzo gaueko partidan.
Ezkurdia eta Martija arituko dira binakako finalean Olaizola eta Urrutikoetxearen aurka. Agirre eta Albisuri 22-9 gailendu zitzaion bikotea atzo gaueko partidan.
Bigarren bikotea, erabakita: Joseba Ezkurdiak eta Julen Martijak 22-9 irabazi zieten atzo gauean Asier Agirre eta Jon Ander Albisuri, eta datorren asteartean jokatuko den binakako finalera pasatzea lortu zuten. Aimar Olaizola eta Mikel Urrutikoetxearen kontra arituko dira Bizkaia pilotalekuan, hau da, atzoko partidako kantxa berean. Irabazleek nagusi izan ziren, baina partida ez zen zenbakiek erakutsiko luketen bezain desorekatua. Martija izan zen protagonista nagusia, eta Albisu baino gehiago izan zen ia une oro. Ezkurdiak atzeko nagusitasun horretaz baliatu zen, aurrean tantoak egiteko. Aurretik egon ziren hasieratik gorriak, eta 8-3 jarri ziren berehala. Albisuk eta Agirrek jokatzeko modua aldatu zuten, partidari buelta emateko asmoz. Funtzionatu zuen hasieran: Albisuk bi tanto egin zituen, bat eskuinarekin, gurutzatura, eta beste bat errebotez. Baina tarteari eutsi zioten Ezkurdiak eta Martijak, eta 12-7 joan ziren lehen atsedenaldira. Hortik aurrera, Albisuren jokoa ahulduz joan zen. Urdinek beste bi tanto baino ezin izan zituzten egin partidan. Atzoko partida urriaren 10ean zen jokatzekoa, baina bertan behera geratu zen Baiko enpresako pilotarien grebarengatik.
2020-12-5
https://www.berria.eus/albisteak/190749/esako-urtegia-apurtuz-gero-zangozan-zer-gertatuko-litzatekeen-simulatu-dute.htm
Gizartea
Esako urtegia apurtuz gero Zangozan zer gertatuko litzatekeen simulatu dute
Minutu gutxiren buruan, urak Nafarroako herri hori ia osorik hartuko luke, Zaragozako Unibertsitateak eginiko ikerketaren arabera.
Esako urtegia apurtuz gero Zangozan zer gertatuko litzatekeen simulatu dute. Minutu gutxiren buruan, urak Nafarroako herri hori ia osorik hartuko luke, Zaragozako Unibertsitateak eginiko ikerketaren arabera.
Ordenagailuz eginiko simulazio bat besterik ez da, baina beldurgarria. Esako urtegia handitzeko lanen eraginez, urari eusten dion horma apurtuko balitz, horrek Zangozan (Nafarroa) eragingo lukeen hondamendia erakusteko simulazioa egin du Zaragozako Unibertsitateak (Espainia). Cesar Gonzalez Cebollada ingeniariak Fluidoen Mekanika irakasten du unibertsitate horretan, eta hark egin du simulazioa. Bideoan azaltzen duenez, fotograma bakoitzak benetako denborako bi minutu irudikatzen ditu, eta bi minutura heltzen ez den simulazioak zazpi ordu laburbiltzen ditu. Horma hautsita ura zabaltzen ikusten da Aragoi ibaiaren arrotik. Minutu gutxiko tartean, Zangozara helduko litzateke uholdea. Irati ibaiaren arroaren zati handi bat ere ur azpian geratuko litzateke. Bideoak zehaztasun handiz erakusten du gero urek Zangozari nola eragingo lioketen. Herriaren %80-90 artean hartuko luke urak. Kaskoaren tokirik altuenetan, 0-4 metroko altuera hartuko luke uholdeak. Baina ibaitik gertuenen dauden lekuetan, tokirik baxuenetan, hamasei eta zortzi metro arteko garaierara helduko litzateke. Baina gertatuz gero, hondamendia handiagoa izan zitekeen. Izan ere, simulazioak ez ditu parametrorik larrienak erabili. Urtegiari gehitu dioten horma haustea bakarrik hartu du kontuan, pareta zaharra apurtu gabe. Apurtzeko denbora 5,6 ordu izatea erabaki dute simulazioa egiteko. Eztabaida handia dago Esa handitzeko lanen segurtasunaren inguruan. Urriaren 14an, nahasmena eragin zuen Teresa Ribera Espainiako Gobernuko presidenteorde eta Trantsizio Ekologikorako ministroak Kongresuan. Kontrol saioan, adierazi zuen Esako urtegia handitzeko lanetan ez dutela urrats bat aurrera egingo harik eta bideko ingeniariekin azpiegitura handitzea «erabat segurua» dela ziurtatu arte. Hori entzunda, askok ondorioztatu zuten obrak gelditu egingo zituztela. Baina Riberak gezurtatu zuen hori. Hainbat geologok arriskuaz ohartarazi dute azken urteotan, Esako urtegiko eskuineko hegala mugitzen ari delako.
2020-12-5
https://www.berria.eus/albisteak/190750/eritasun-larriagatik-josetxo-arizkuren-askatzeko-exijitu-dute-sarek-eta-etxerat-ek.htm
Politika
Eritasun larriagatik, Josetxo Arizkuren askatzeko exijitu dute Sarek eta Etxerat-ek
Iruñean, astelehenean 20:00etan Merindadesko biribilgunean egingo den mobilizaziora deitu dute. Jaione Karrera abokatuak azaldu du Arizkuren «ongi» dagoela, baina bihotzean tronbosi berriak izateko «arrisku handia» duela
Eritasun larriagatik, Josetxo Arizkuren askatzeko exijitu dute Sarek eta Etxerat-ek. Iruñean, astelehenean 20:00etan Merindadesko biribilgunean egingo den mobilizaziora deitu dute. Jaione Karrera abokatuak azaldu du Arizkuren «ongi» dagoela, baina bihotzean tronbosi berriak izateko «arrisku handia» duela
Iragan igandean, Murtzia II espetxean den Josetxo Arizkuren euskal presoa ospitaleratu behar izan zuten, Jaione Karrerak azaldu duenez, une hartan berekin zen kide batek berehala eraman zuen erizaintzara eta erantzun azkar horrek balio izan zuen bihotza ez geratzeko eta «lesio konponezinak» eragozteko. Arizkurenek, eskuineko arteria koronarioan sortutako tronbo baten eraginez, miokardio infartu akutua izan zuen. Ospitalean artatu eta kateterismo zein tronbektomia bat egin zitzaion. Halaber, bihotzean erresonantzia magnetiko bat egin zioten, eta medikuek ikusi dute bihotzekoa izandako gunea bere onera etor daitekeela. Estres uneak saihesteko eskatu diote. Jaione Karrera berekin izan zen ostegunean, Murtzia II kartzelan, eta «ongi» aurkitu zuen. Dena den, ohartarazi du halakoak berriro gertatzeko «arrisku handia» duela. Gaineratu du, legeak dioenaren kontra, espetxeko zuzendaritzak ez ziola sendiari gertatutakoaren berri eman eta jasotako informazioa bere ahaleginez eta eskariz izan dela, «eta ez espetxeak motu propio emanda».. Arizkurenen egoeraren berri emateko, prentsaurrekoa eman dute goizean, Sare eta,Etxerat elkarteek. Jaione Karrera abokatuak azaldu du Arizkureni 2006an kardiopatia iskemikoa, «gaixotasun larri eta sendaezina», deklaratu ziotela, eta behin baino gehiagotan ebakuntza egin behar izan diotela. «Haren bizitza arriskuan jartzen duten gertaera berriak izateko arriskua du». 21 urte darama preso, erregimen itxian, «bizi baldintza gogorrekin». Egoeraren hauskortasuna nabarmendu du Karrerak: «Zer gertatuko zen hurrengo batean horrelako gertakari larri baten aurrean ez balitz berehala artatuko eta premiaz erantzun? Zergatik jartzen da arriskuan haren bizitza?». Mobilizazioa, astelehenean Arizkuren Murtzia II kartzelan dago, 750 kilometrora. Jakin dutenez, Logroñora aldatzeko erabakia hartua dago, eta, era berean, lehen gradutik bigarren gradura aldatuko dute. Mikel Mundiñano Nafarroako Sareko eledunaren arabera, erabakia «berandu» dator. «Lekua aldatzea ez da aski, ezta bigarren gradura aldatzea» ere. Legediak dioenari erreparatuz, eritasun larria duten gainerako hamazazpi presoen modura, aske uztea exijitu du. Hain zuzen ere, hori izango da mezu nagusia astelehenean, Iruñean 20:00etan egingo den mobilizazioan. Bertara joateko deia egin diete herritarrei. Bere aldetik, Karrerak azaldu du, etorkizunean berriro halakorik gerta ez dadin, espetxe administrazioak presoari dagozkion eskubideak bermatuko dituen neurriekin argitu beharko lukeela osasun arloko segurtasun falta. Lehenik eta behin, Logroñora «berehala» eramateko eskatu du, senideekin, eta konfiantzazko abokatu eta medikuekin egoteko aukera erraztu dadin. Halaber, garraioa baldintza egokietan egin behar dela adierazi du, «anbulantzia baten edo egokitutako ibilgailu batean», espetxe erregimeneko legeak eta arauak hala zehazten baitute. Era berean, Karrerak eskatu du «gaixotasun sendaezin eta oso larriengatik espetxe zigorra eteteko prozedura arautzen duen 6/2018 instrukzioa aplikatzeko». Hirugarrenik, senideei eta presoak baimendutako pertsonei osasun arloko informazioa ematea ziurtatu behar da. «Ezin da berriro errepikatu gertaera larri batean aurrean familiari ez jakinaraztea». Behin Arizkuren ospitaleko solairuko ohean zegoela, ez zitzaion utzi familiari deitzen. Karreraren arabera, espetxe arloko legediak eta araudiak ezartzen dute gertakari larri bat izatean zuzendaritzak berehalakoan deitu behar duela, eta sendiari jakinarazi. «Lortu dugun informazio apurra izan da nik neuk egindako gestioagatik eta insistentziagatik». Karreraren ustez, eguneratu behar litzateke ospitaleratutako presoen bisitak arautzen dituen espetxe arloko 9/2001 instrukzioa. «Telefono deien inguruko erregulaziorik ez du jasotzen, baina gure ustez hori arautu beharko litzateke espetxeko edozein arduradunek edo pertsonak ezin dezan interpretatu edo mugatu preso orori dagokion eskubidea»
2020-12-5
https://www.berria.eus/albisteak/190751/segurtasun-orokorrerako-legea-salatu-dute-dozenaka-herritarrek-baionan.htm
Gizartea
Segurtasun orokorrerako legea salatu dute dozenaka herritarrek Baionan
Eragile andana batu da Frantziako Asanbleak onartu duen lege proposamenaren kontra. Eskubide murrizketa salatu dute
Segurtasun orokorrerako legea salatu dute dozenaka herritarrek Baionan. Eragile andana batu da Frantziako Asanbleak onartu duen lege proposamenaren kontra. Eskubide murrizketa salatu dute
300 bat pertsonak parte hartu dute Frantzian bozkatzen ari diren Segurtasun Orokorrerako legea salatzeko mobilizazioan, gaur arratsalean. Baionako herriko etxe aitzinean elkartu dira lehenik, eta handik manifestazioa abiatu zuten ondotik, Baionako karriketan. Jaka Horiek deitu zuten mobilizazioa, baina, eragile politiko andanak eman dio babesa. Lege hori «afruskeria bat» dela salatu du Jean Lissar EELV-ko kideak. «Emeki emeki ari dira libertateak txikitzen». Eñaut Aramendi LABeko ordezlariaren hitzetan, «Frantziako Gobernuak osasun egoera erabiltzen du askatasun guziak desagerrarazteko. Gobernu autoritario baterantz goaz», salatu du. Generation alderdiko Mathieu Bergeren ustez, «askatasun publikoen kontrako kolpe bat» da. «Ordena atxikitzearen aitzakipean estatu polizial bati buruz goaz gero eta gehiago». Haserre mintzatu da Martine Mailfert Frantzia Intsumisoko ordezkaria ere: «Leporaino aseak gaude! Gobernu honek ulertzen ez badu, osasun krisiari zilegitasun krisia gehitu beharko zaio; guretzat aspaldi hasia da». Azkenik, «demokraziaren aurkako legea» salatu du EH Bairen izenean Gabi Apeztegik. Azaroaren 24an onartu zuen legea Frantziako Asanbleak, eta orain, Frantziako Senatuan eztabaidatu beharko dute. Baina izandako polemikaren ondotik, haserre gehien sortu duen 24. artikulua lege proposamenetik kentzea erabaki du, azkenean, Errepublika Martxanek gidatzen duen gehiengoak. Poliziaren irudiak hedatzea murriztu nahi zuen, hasieran, lege proposamenak. Artikulua berriz idatzi, eta beste lege proiektu batean integratuko dutela iragarri zuten pasa den astean.
2020-12-6
https://www.berria.eus/albisteak/190752/emakumeak-musikagintzan-kontzertu-aurreko-afarien-egia.htm
Kultura
Emakumeak musikagintzan: kontzertu aurreko afarien egia
Emakumezkoek musikaren esparruan dituzten zailtasunez aritu dira hizketan Olatz Salvador musikaria, Iratxe Reparaz arte zuzendaria eta Saioa Torre kultur teknikaria Durangoko Azokan.
Emakumeak musikagintzan: kontzertu aurreko afarien egia. Emakumezkoek musikaren esparruan dituzten zailtasunez aritu dira hizketan Olatz Salvador musikaria, Iratxe Reparaz arte zuzendaria eta Saioa Torre kultur teknikaria Durangoko Azokan.
«Tristea da, baina kontzertuen inguruan ezagutu ditudan emakumezkoak, gehienak izan dira kontzertua hasi aurreko afaria prestatu digutenak». Detaile bakar bat, eta gordin bezain garden azaleratu du Olatz Salvador musikariak Euskal Herriko musika eszenaren genero bereizketaren erretratua Durangoko Azokan. Mahai ingurua antolatu du Musika Bulegoa elkarteak Emakumearen presentzia musikaren industrian, COVID-19aren garaian titulupean, eta Salvadorrekin batera, bertan izan dira gaiari buruz hizketan Saioa Torre kultur teknikaria eta Iratxe Reparaz DeepSoda proiektuko arte zuzendaria, hirurak Leire Palacios kultur kazetariaren gidaritzapean. Guztiek ezagutu dute bertatik bertara Salvadorrek deskribatutako giro hori, eta guztiak etorri dira bat horri aurre egiteko emakumezkoen lanari presentzia sustatzeko beharrarekin. Ez dute horrek sortzen dien barne borroka ezkutatu, ordea. «Orduan, kupoen alde edo aurka?». Mahai ingurua hasi eta gutxira atera da programazioan emakumezko sortzaileei leku bat ezartzeko betebeharrari buruzko gaia, eta espero baino lehenago mahai gaineratu ahal izan du galdera, horregatik, Palaciosek. Baietz hirurek, beharrezko direla, baina deserosoak ere izan daitezkeela. Salvador: «Programatzaileen aldetik jaso izan dudana izan da berdin duela musikari ni izan edo Izaro izan edo beste edozein». Esplizituki ere adierazi izan diote inoiz emakume izateagatik gonbidatu dutela emanaldira, eta mingarri egin zaio hori. «Zeure burua are gehiago kuestionatzera zaramatza horrek; ez dakizulako deitu zaituzten zure musikaren kalitateagatik, edo emakumea zarelako». Trantsizio une bat Egungo emakumezko sortzaileei trantsizio egoera bat bizitzea suertatu zaiela uste du Torrek. «Eta ez da momenturik ederrena». Baina eszena eraldatzeko beharrezko jo ditu kuotak eta kupoak. Erreferenteak sortzen laguntzen dutelako, batez ere. Donostia 2016 proiektuan aritu zen lanean Torre, Oreka TX proiektuaren parte izandakoa ere bada, eta egun Getxoko Udalean dabil kultur teknikari, eta bertan harrapatu du pandemiak. Azaldu duenez, berdintasunari ere kalte egin dio koronabirusak, erabaki asko «ziztu batean» hartzera behartuta egon baitira programatzaileak, eta horrek neurri zuzentzaileak ahaztera eraman baititu maiz. Berari gertatutako bat jarri du adibidetzat. «Di-da batean programatu genuen ziklo batean, bat-batean, ohartu nintzen ez zegoela emakumerik. Niri ez zait hori gertatzen, baina eskapatu zitzaidan, pixka bat, baina eskapatu zitzaidan». Presioagatik. Egoeraren bortitzagatik. «Hori nik, gaia barneratuta dudala; beraz, gaia presente ez dutenek suposatzen dut emakumeak erabat ahaztu dituztela». Erakundeei kultura laguntzeko eskari orokorrarekin batera, berdintasunaren alde egiteko neurriak ere eskatu dizkiete. Zulo ekonomikoak Tristura eta kexak. Bi elementu horiek nabarmendu ditu Torrek pandemia sasoiko kulturgintzaz galdetuta. «Psikologo lana ere egiten ibili behar izan dugu. Asko jaitsi da morala, haserrea ere pilatu da; bertan behera geratu direlako gauza asko eta asko tristatu da horrekin jendea, eta kexa asko ere heldu zaizkigu». Zailtasun ekonomikoak ere aipatu ditu Salvadorrek. Skakeitan taldearekin diskoa kaleratu zuen musikariak iazko urte amaieran. «Salto handia izan zen». Pandemiak kolpean utzi ditu lur hartzeko lurrik gabe, ordea. «Inbertsio handia izan zen». Kontzertuz beteta zuten uda, Mongoliara joatekoak ziren, Koreara, Japoniara... «Dena erortzen ikusi genuen. Zorrak ditugu taldean oraindik, eta zulo bat izan da». Bere bakarkako proiektuari esker eutsi ahal izan dio berak, eta lanez lepo dabilela ere esan du. Badakiela, ordea, egoera indibidual goxo hori iluntasun orokorrago baten printza besterik ez dela. Kamerinoetako tentsioa Ezagun du Salvadorrek egindako gizonezkoz betetako eszenaren erretratua Iratxe Reparazek ere. DeepSoda proiektuan dabil bera, eta arte zuzendari lanak egiten ditu bertan, nagusiki. Urteak daramatza musika munduan murgilduta, ordea, eta maiz suertatu zaio 20 mutileko taldean emakumezko bakarra izatea. «Kamerinora sartzen naizenean igartzen dut urduri jartzen direla nire presentziarekin, eta ni ere urduritu egiten nau horrek. Deseroso jartzen dira. Ohituta daude mutilen artean egotera, eta emakume bat agertzearekin pentsatzen dute beren jarrera aldatu behar dutela edo halako zerbait, nahiz eta ez den hori kontua». Reparazen hitzetan, ordea, lasaitu egiten da berriz giroa bat-batean. «Neskak gustatzen zaizkidala jakiten dutenean, orduan aldatzen da dena». Saretzearen beharraz aritu dira hizketaldian hiru hizlariak, eta baita esperientziak partekatzeko beharraz ere. Baikor begiratu diote etorkizunari, eta aurtengo urtea laburbiltzeko irudi grafiko bat utzi du Reparazek. «Nik ikusten dut urte bat laua, eta ni korrika hor, motel-motel, eta uneren batean hasiko dela hobetzen».
2020-12-5
https://www.berria.eus/albisteak/190753/ezustekorik-ez.htm
Kirola
Ezustekorik ez
Artolak 22-15 irabazi dio Peñari lau eta erdiko final-zortzirenetan, eta Elezkanok 22-13 Zubizarretari
Ezustekorik ez. Artolak 22-15 irabazi dio Peñari lau eta erdiko final-zortzirenetan, eta Elezkanok 22-13 Zubizarretari
Elastiko gorria zeramaten biek. Baina eskarmentuaren atorra edo elastikoa jantzita irabazi dute Iñaki Artolak eta Danel Elezkanok Lau eta erdiko Txapelketako final-zortzirenetako partida. Alegiakoak 22-15 menderatu du Jon Ander Peña; Zaratamokoak, aldiz, 22-13 Iraitz Zubizarreta. Biak iritsi dira zalantzekin, eta lehen partidak eragiten duen urduritasunarekin. Baina ez dute huts egin. Egin beharrekoa egin dute, eta banakakoen ez bezala, ez da ezusterik izan. Datorren asteburuan, final-laurdenetan, Artolak Joseba Ezkurdiarekin neurtuko indarrak, eta Elezkanok Jokin Altunarekin.10-7 aurreratu da. Ordu arteko errenta handiena zen, eta horrek konfiantza eman dio. Nahiz eta ez zuen bizpahiru tantoko aldea zabaltzea baino lortzen hasieran. Peñak, berriz, berean jarraitu du. Ahalik eta azkarren aurrean tantoa amaitzen saiatzen zen. Baina sakez bi falta egin zitun, eta konfiantza galtzen joan zen. Artolak ez zuen aparteko jokorik egin, baina egin behar zuena egin zuen, eta aldea areagotzen joan zen, sei tantokoa izan arte: 18-12. Azkoitiko Gurea pilotalekuan jokatu ziren dira partidak. Lehena Artolaren eta Peñaren artekoa izan da. COVID 19ak utzitako arrastoen erruz banakakotik kanpo geratu eta gero, txapelketa batera itzuli da Artola. Hobeto hasi du partida Peñak. Oso sartuta, sakean asmatuz eta arriskatuz. 4-6 jarri da aurretik. Arriskatzea ezinbestekoa zuen irabazteko. Artola deseroso zegoen. Txapelketa batek eskatzen duen erritmoa hartu beharra zuen. Baina pare bat pilota txapara joan zaizkio Peñari. Hori izan da Artolaren pizgarria. Pixkanaka ezkerretik eta behetik jokatzen hasi zaio Peñari, eta abantaila lortzen: 18-12 Lana biribiltzea baino ez zitzaion falta Alegiakoari; Peñak, berriz, erreskadan tanto batzuk behar zituen partidan sartzeko. Bi egin ditu segidan. Hamabosgarrena gertu izan du, baina boleaz eskuinera zabaldutako pilota kanpora joan zitzaion. Hor amaitu dira Peñaren aukerak.eArtola pozik zegoen . «Presiorik gabe etorri naiz, denbora asko neramalako jokatu gabe. Aparteko jokorik egin gabe, sakean eta errestoan ez dut akats nabarmenik egin, eta hor egon da gakoetako bat. Egin ditudan sakeekin oso pozik geratu naiz. Agian, ez ditut tanto asko egin, baina Jon Anderren errestoaren ostean aukerako pilotak geratu zaizkit, eta hori ere baliatu dut». Datorren asteburuan lau eta erdiko azken bi txapelketako garailea izango du aurrean: Joseba Ezkurdia. «Partida gogorra izango da. Iaz ere jokatu nuen haren kontra, eta ez nuen irabaztea lortu. Erronka polita dut aurrretik. Uste baino hobeto aurkitu naiz, eta beste astebete dut sasoia hartzen segitzeko». Beste neurketa, Elezkano eta Zubizarretaren artekoa, antzeko bidetik joan zen. Elezkano 5-0 aurreratu da. Pilota bizi jotzen hasi da, eta bazirudien erraz irabaziko zuela.Baina pixkanaka partidan sartzen joan da Zubizarreta, eta estu hartzen hasi da Elezkano. 6-8 jarri da aurretik. Banakakoan Erik Jakaren aurka jasotako kolpea eta gero, zalantzak izaten has zitekeen Elezkano. Baina botillero lanetan aritu zen Jokin Etxanizek behar zuen patxada eman dio. Elezkano zertxobait asmatzen hasi da errematean, eta pilotari eman dion abiaduraren zertzelada batzuk azaltzen. Hala, Zubizarreta kontrakarrean jokatzen hasi da. 10-1eko partziala egin du Zaratamokoak: 16-9. Errenta horrek, partida ia erabakita uztearekin batera, patxada apur bat gehiago izateko aukera eman dio. Ez dela partida erraza izan onartu du. «Zalantza eta beldur askorekin etorri naiz, entrenamendu seriorik ezin izan dudalako egin, eta animoz ere nahiko burumakur nengoelako. Baina tantoa amaitzen jakin dut, eta pozik nago egindako partidarekin. Jokinek asko lagundu dit». Jada jarri da Altunaren partidari begira: «Partida polita izango da. Harreman handia dut harekin, eta gustura jokatuko dut».
2020-12-6
https://www.berria.eus/albisteak/190793/banolet-telesailak-irabazi-du-sormen-beka.htm
Gizartea
'Bañolet' telesailak irabazi du Sormen Beka
Lau ataleko telesail bat sortuko dute sariaren 15.000 euroekin. Nafarroa Behereko hainbat familiak parte hartuko dute ekoizpenean.
'Bañolet' telesailak irabazi du Sormen Beka. Lau ataleko telesail bat sortuko dute sariaren 15.000 euroekin. Nafarroa Behereko hainbat familiak parte hartuko dute ekoizpenean.
«Nafarroa Behereko hainbat adineko biztanleekin eraman nahi dugun ikus-entzunezko proiektu parte-hartzailea» da Bañolet horren bultzatzaileek esan dutenez. Maia Iribarnek eta Paxkal Irigoienek sortu dute egitasmoa, eta Durangoko Azokaren hirugarren Sormen Bekaren irabazi dute. 15.000 euro jaso dituzte, eta, horrekin, telesailaren lau atalak ekoitziko dituzte. Urtebete edukiko dute horretarako. Duela hiru urte ematen hasi ziren Sorkuntza Bekak: lehenengoarekin, Atopia rol jokoa bultzatu zuten, eta bigarrenarekin, Kai Nakai musika egitasmoa. Gaur egin dute saria emateko ekitaldia, Durangon. Konfinamendua dela eta, Iribarne eta Irigoiene ezin izan dira Landako Gunera joan, baina bide bat bidali dute, eskerrak emateko, eta egitasmoa azaltzeko. Telesailean, umorea, absurdoa eta poesia nahastuko dituzte. «Identitatearen inguruko gogoeta bat proposatu nahi dugu: gizarte antolaketa berriak, hizkuntza eta nazio identitatea...». Planteamendu berritzailea Telesailaren «planteamendu berritzailea» nabarmendu du Amancay Gaztañaga epaimahairen ordezkariak. Horrek «herri oso baten dinamikan eragina izango duelako» eman diote saria egitasmoari. Haurrak dira telesailaren protagonista, eta haien ikuspegitik kontatzen da istorioa. Dagoeneko grabatu dute lehenengo materiala, Eiheralarren. Nafarroa Behereko pasaiak jasotzeaz gain, estetika berezia edukiko du telesailak: «Atlantiko kostaldeko itsas giro hotza» islatuko du, irudi «gordin eta kolorimetria berezi batekin». Musika ere osagarri garrantzitsua izango da: «Kapitulu bakoitzean musikak gidatuko duen zati bat egongo da (kantuak, batukada erritmoak, herio-orkestrak...). Musika guk sortuko dugu, eta ekintza eta gertakariak, koreografia bat bezala, erritmo berezi baten bidez lotuko dira, eguneroko gizarte koreografien gisara». Irigoienek Kontsumo produkto diskoa argitaratu zuen 2017an, UsoPop ekoiztetxearekin. Iribarnek eta Irigoienek lehen ere sortu dituzte fikziozko ikus-entzunezkoak, Nora Arizmendirekin zuzenduriko Txetxenoak! kasu.
2020-12-6
https://www.berria.eus/albisteak/190794/aldai-orbegozok-eta-espinar-agirrek-jokatuko-dute-finala.htm
Kirola
Aldai-Orbegozok eta Espinar-Agirrek jokatuko dute finala
22-12 eta 22-18 irabazi diete Arrizabalaga-Gentzane Aldairi eta Ruiz de Infante-Arrillagari Emakume Master Cupeko Binakako Txapelketako finalerdietan
Aldai-Orbegozok eta Espinar-Agirrek jokatuko dute finala. 22-12 eta 22-18 irabazi diete Arrizabalaga-Gentzane Aldairi eta Ruiz de Infante-Arrillagari Emakume Master Cupeko Binakako Txapelketako finalerdietan
Amaia Aldai-Oihana Orbegozok eta Patri Espinar-Naroa Agirrek jokatuko dute Emakume Master Cupeko Binakako Txapelketako finala, hilaren 20an, Arrigorriagan (Bizkaia). Gaur jokatu dituzte finalerdiak, Derion (Bizkaia), eta Aldai-Orbegozok aise irabazi diete Olatz Arrizabalaga-Gentzane Aldairi: 22-12. Askoz berdinduagoa izan da bigarren finalerdia, eta horretan Espinar-Agirre 22-18 nagusitu zaizkie Ruiz de Infante-Arrillagari.
2020-12-6
https://www.berria.eus/albisteak/190795/berriz-6tik-gorako-intzidentzia-hegoaldean.htm
Gizartea
Berriz %6tik gorako intzidentzia Hegoaldean
Denera, 518 kasu atzeman dituzte Osakidetzak eta Osasunbideak.
Berriz %6tik gorako intzidentzia Hegoaldean. Denera, 518 kasu atzeman dituzte Osakidetzak eta Osasunbideak.
Joan zen astean %5eko tasan ibili ondoren, azken 24 orduetan berriz %6tik igo da Hego Euskal Herrian. 518 kasu atzeman dituzte Osakidetzak eta Osasunbideak, 8.052 test eginda. Bizkaian 224 positibo atzeman dituzte (aurreko egunean baino bederatzi gutxiago); Gipuzkoan, 144 (52 gutxiago); Araban, 83 (zazpi gutxiago), eta Nafarroak eman du daturik onena: 66 positibo (35 gutxiago). Nafarroako tasa %6,2n dagoela kalkulatu dute, eta, beste herrialdeetan, %6,5ekoa da. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak ez du argitaratzen eguneko txosten epidemiologikorik asteburuetan. Beraz, bihar arte itxaron beharko da egoeraren eboluzioaren erretratu zehatzagoa egiteko.
2020-12-7
https://www.berria.eus/albisteak/190796/txikiek-sugetzarra-garaitu-zutenekoa.htm
Gizartea
Txikiek sugetzarra garaitu zutenekoa
Lemoizko zentral nuklearraren kontrako borroka mugarri da Euskal Herriko historia hurbilean. Frankismo garaian martxan jarritako proiektuak, inoiz ikusi ez bezala aktibatu zuen gizarte zibila. Orduan sortutako margolan erraldoi bat Bilboko Arte Ederren Museoan ipini dute.
Txikiek sugetzarra garaitu zutenekoa. Lemoizko zentral nuklearraren kontrako borroka mugarri da Euskal Herriko historia hurbilean. Frankismo garaian martxan jarritako proiektuak, inoiz ikusi ez bezala aktibatu zuen gizarte zibila. Orduan sortutako margolan erraldoi bat Bilboko Arte Ederren Museoan ipini dute.
Sugetzar bi. Espainiako bandera eta AEB Ameriketako Estatu Batuetakoa. Joan den mendearen erdialdeko mundu mailako hainbat agintari mahaiaren bueltan. Tartean, hamaika gizaki ñimiño, ahal bezala, sugeekin borrokan. Zeruan, Picassoren begia, eta erdian, aldarri bat: Lemoiz gelditu. Lelo horrekin izendatu zuten Ameztoi, Zumeta eta Zabalak 1980ko Bilboko Herrikoi Topaketa antinuklearretan jende aurrean sortu zuten mural erraldoia. Orain, Bilboko Arte Ederren Museoak areto bat eskaini dio artelanari. Koadrotik abiatuta, Bizkaiko Hitza-k zentralaren aurkako mugimenduko hiru kide elkarrizketatu ditu, margolanaren oinetan. «[Francisco] Franco artean bizirik zela, azken opari bat egin nahi izan zion euskal gizarteari: nuklearizazio plana». Argi mintzatu da Juan Tomas Entziondo. Proiektu horren aurka borrokan aritutakoa da, eta gogoan du garai hartan arnasten zen «aldaketa sentimendua». 1970eko hamarkada zen, eta, Espainiako nuklearizazio planaren baitan, Euskal Herrian lau zentral egiteko asmoa azaldu zuen Iberduero enpresak: Lemoizen, Ispasterren, Deban (Gipuzkoa) eta Tuteran (Nafarroa). «Euskal kostaldean soilik, 55 kilometroko tarte batean, 10.000 MW jarri nahi zituzten; munduan egongo zen kontzentrazio nuklearrik handiena izango zen hura, baita gaur egun ere», salatu du, haserre, Jose Allendek. Barru-barrutik mintzatu da, orain dela 40 urte piztutako amorrua bizirik duela erakutsiz. Azkenean, Lemoizkoa izan zen martxan jarri zen proiektu bakarra, besteek hasi baino lehenagotik egin baitzuten topo gizarte zibilarekin. «Antolakuntzaren bidez, basakeria horren aurka altxatu zen gizarte zibila, eta herri aktibazio ikaragarria sortu zen; inoiz ikusi gabekoa, gainera», gogoratu du Ana Lopezek. Basorda izeneko kalan eraiki zuten Lemoizko zentrala, baina obra ez zuten inoiz burutu, eta zentrala ez zen inoiz martxan jarri. Proiektua gelditzeko arrazoi asko aipatu dituzte, baina bat etorri dira ideia batekin: gizartearen erantzuna. Maila ezberdinetan bada ere, hirurek parte hartu zuten euskal kostaldearen nuklearizazioaren aurkako mugimenduaren gidaritza eraman zuen plataforman, Por una costa vasca no nuclear izeneko hartan, eta, nostalgian erori gabe, garai hartan ikasitakoarekin egungo erronkei aurre egiteko beharra aldarrikatu dute. Lopez Mungiako auzokideen elkarteko kide zelako eta Entziondo Bilboko auzokideen elkarteko kide zelako hasi ziren plataforman parte hartzen. Allende energia nuklearraren inguruko aditu nagusietako bat izan zen hamarkada hartan. Kostaldearen alde Entziondo hasi da esplikatzen: «Lehenik eta behin, argi utzi behar da gurea ez zela mugimendu antinuklear bat. Gure kostaldearen nuklearizazioaren aurkako erantzun artikulatu bat izan zen, energia nuklearraren erabilera gorabehera, hemen ezarri nahi zuten proiektua astakeria hutsa zelako». Haren esanetan, plataformaren lana «funtsezkoa» izan zen: «Borroka bultzatu, sustatu eta koordinatu egin zuen, argudiaketa osatu eta mobilizazioak antolatu. Gerora, tokiko komite antinuklearrak sortu ziren, eta horiek txoko guztietara eraman zuten borroka hura». Entziondok adierazi duenez, hamarkada oso batez luzatu zuen jarduera plataformak. 1973aren bueltan, ezagutzera eman ziren proiektu nuklearren «arriskuaz» mintzatu zen lehenengoa Allende izan zela adierazi du Entziondok: «AEBetan egindako ikerketa bat argitaratu zuen Allendek; ezagutzera eman zituen halako azpiegiturek sortzen zituzten arazoak, eta, hori jakin zenean, jendea mobilizatzen hasi zen». Lehenengoak Deba ingurukoak izan zirela gehitu du: «Frankismo garaia bazen ere, eskualdeko udalerri asko mobilizatzea lortu, txosten bat aurkeztu eta proiektua gelditu zuten». Allendek ere garai hartan jarri du arreta. «1973aren amaieran abiatu zen guztia. Lemoizko proiektua martxan zegoen jada, eta beste hiru proiektuek piztu zuten herritarren erantzuna: gu Ispasterren hasi ginen lanean, eta indar handiagoarekin egin zuten Deban». Esan du beste proiektu horiek ez zituztela bertan behera utzi, baina urte eta erdi egin zuten geldi: «Ez zirudien martxan jarriko zituztenik; orduan hartu zuen protagonismoa Lemoizek». Nabarmendu duenez, Lemoizkoa zenez martxan zegoen bakarra, horren aurka egitera bidera zituzten indarrak. «Jada ez zen Ispaster edo Deba; euskal kostaldea zen, eta, zentzu horretan, Lemoiz zen erabakigarria», erantsi du Entziondok. Lopezek ere hala gogoratu du: «Hor sartu nintzen ni borrokan. Toki konkretuetako gai bai izatetik, auzi nazional bat izatera igaro zen». Allenderen esanetan, «herri oso bat» zegoen arriskuan: «Ez ziren Lemoiz edo Mungia; Euskadi zen arriskuan zegoena, zentralean edozein istripu egonez gero —sabotajea zein akatsa—, mapatik desagerrarazi ahal gintuelako». Frankismo garaia zenez, legezkoak ziren elkarte bakanetara jo zuten mugimendua egituratzeko: auzokideen elkarteak. Horien guztien baturatik jaio zen plataforma 1976an. «Hala hasi nintzen parte hartzen, Mungiako gurasoen elkarteko kide legez», esan du Lopezek. Elkarte guztietako arduradunekin plataforma sortu zuten, eta, hortik aurrera, tokiko komiteekin batera, Lemoizen aurkako borrokak goia jo zuen. Margolan batean bildu Behin mugimendua egituratuta, mota guztietako ekintzak abiatu zituzten; herriz herri hitzaldiak egitetik, ordura arte Europa osoan egindako mobilizaziorik jendetsuenak egitera. «Jendeak imajinazio handia zuen», gogoratu du Lopezek. «Oso garai bereziak ziren», erantsi du Entziondok. «[Espainiako] Trantsizio garaiak esperantza eta ilusioa ekarri zuen gizartera, eta Lemoizen aurkako mugimenduak, gogo horretatik edan zuen», oroitu du. «Mota guztietako jendea hurbiltzen zen, mobilizazioak ikurrina ateratzeko aitzakia ziren, oraindik ere ilegala zen eta. Aldaketa arnasten zen». Lau urteren ostean, ordea, mugimenduak «goia jo zuen irudipena» zutela azaldu du Entziondok: «Dena eginda zegoela sentitzen genuen». Orduan, euskal kulturgileen atea jotzea erabaki zuten. «Harreman handia genuen, eta, asko, mugimenduaren parte aktibo ziren. Hori dela eta, Herrikoi Topaketak izeneko jardunaldi batzuk antolatu genituen Bilboko erakusketa azokan, eta izugarrizko arrakasta izan zuten», kontatu du Entziondok. 1980ko azaroaren 8an eta 9an egin zituzten, eta 300 artista baino gehiago bildu ziren. Hain zuzen, topaketa horiek abiapuntutzat hartuta antolatu dute Lemoizko zentralaren inguruko erakusketa Arte Ederretan Museoan, Bilbon. «Murala gordeta izan dugu, eta poza ematen du hemen ikusteak», esan du Entziondok. Inoiz ez zen martxan jarri 1980ko hamarkadako lehendabiziko urteak erabakigarriak izan ziren Lemoizko proiektua betiko bertan behera gera zedin. Gizarte aktibazioarekin batera, ETA ere borroka horretan sartu zen, eta proiektuak izugarrizko presioa jasan zuen: plataformaren protesta baketsuei, atentatuak, bahiketak, sabotajeak eta hilketak gehitu zitzaizkien. 1979. eta 1981. urteak mugarri garrantzitsu bilakatu zirela azpimarratu dute hirurek. Guardia Zibilak Gladys del Estal ekintzailea hil izana, AEBetako Harrisburgeko zentral nuklearrean istripua, ETAk Lemoizko zentraleko ingeniariburua bahitu eta hil izana, atentatuak, lehergailuak manipulatzen bizia galdutakoak… Eta, horrekin batera, Espainian, Antonio Tejeroren estatu kolpearen saioa. «Oso garai nahasiak ziren, biolentzia zurrunbiloa martxan zegoen. Lemoizen aurkako mugimendua erdian zegoen. Zentrala geratu nahi genuen, baina modu baketsuan jardun genuen beti. 1980ko hamarkadarekin batera, beste rol bat jokatu genuen: salaketari eutsi genion eta zentralaren aurkako errekurtso legalak jartzen jarraitu genuen, baina jada ez genuen gidaritza lan hori egiten». 1982an, zentrala eraikitzeko lanak geratu zituzten. Hala ere, ez zuten proiektua 1984ra arte bertan behera utzi. «Iberduerok bazekien ez zuela etekinik aterako, eta alderdi nagusiei ere arazo gehiegi ekarri zien jada proiektuak» azaldu du Allendek. Orduko Espainiako Gobernuak eta Iberduerok negoziatzeari ekin zioten orduan: «Gobernuak, proiektua geratzearen truke, obretan gastatutako guztia eta irabazteari utzitakoaren zati bat eman zion Iberduerori. Eta nola ordaindu da dirutza hori? Guk guztiok egin dugu urteetan zehar, argiaren fakturaren bitartez», kexatu da Allende. Lemoizko proiektua geldiaraztea, gizarte zibilaren «erabateko garaipena» izan zela nabarmendu du Allendek. Eta, era berean, alderdi politikoek gatazkan jokatutako rol «lotsagarria» salatu nahi izan du: «EAJ izan zen zentral nuklearraren defendatzaile nagusia. Negozio handia zuten bertan; Lemoiz geldiaraztea, gizarte zibilaren garaipen nagusietako bat izan da, alderdi politikoen interesen gainetik».
2020-12-7
https://www.berria.eus/albisteak/190797/tokiora-joateko-gogo-handia-daukat-eta-ez-didate-uzten.htm
Kirola
«Tokiora joateko gogo handia daukat, eta ez didate uzten»
Downen sindromea duenez, Mikel Garcia korrikalaria ezin da Paralinpiar Jokoetan lehiatu. Hori aldatzeko sinadurak bildu ditu, eta auzia Espainiako Senatura iritsi da. Aho batez babestu dute.
«Tokiora joateko gogo handia daukat, eta ez didate uzten». Downen sindromea duenez, Mikel Garcia korrikalaria ezin da Paralinpiar Jokoetan lehiatu. Hori aldatzeko sinadurak bildu ditu, eta auzia Espainiako Senatura iritsi da. Aho batez babestu dute.
Mikel Garcia (Bilbo, 1996) Bilboko Irala auzoko korrikalaria da. Australian eta Polonian aritu da mundu mailan lehiatzen. Egun, hiru urrezko domina ditu: 400, 500 eta 1.500 metroetako txapelduna da. Downen sindromea dauka, eta, ez dagoenez bere kategoriako txapelketarik, ezin da 2021ean Tokioko Paralinpiar Jokoetan lehiatu. Egoera aldatzeko asmoz, sinadura bilketa bat abiatu zuten. Espainiako Senaturaino iritsi zen haien eskaera. Senatariak bozkatzen ari ziren bitartean elkartu ziren kirolaria eta haren aita Gotzon Garcia (Bilbo, 1962) Bizkaiko Hitza-rekin. Senatuak aho betez onartu du familiaren proposamena. Zergatik ezin duzu Tokioko Paralinpiar Jokoetan parte hartu? MIKEL GARCIA: Pertsona askok Downen sindromea dute, eta ni horietako bat naiz. Ez dut ulertzen zergatik ez didaten jokatzen uzten, zergatik ez dagoen gure moduko pertsonentzako kategoriarik. GOTZON GARCIA: Ezgaitasuna dutenentzat lau kategoria berezi nagusi daude: ezgaitasun fisikoa, ikusmena, garuneko paralisia eta ezgaitasun intelektuala. Azkenaren barruan ez dago bereziki Downen sindromea dutenentzako kategoriarik. Paralinpiar Jokoetako espiritua hau da: mailarik gorenenean baina baldintza berdinekin lehiatzea. Bada, horixe. Zer sentitzen duzue horren guztiaren aurrean? M.G. Amorrua. Tokiora joateko gogo handia daukat, eta ez didate uzten. G.G. Lehengo aldiz proba internazional batera joan ginenean, Australiara, buruari bueltak ematen hasi ginen Elvira [Goti, Mikelen ama] eta biok: «Zerbait egin behar dugu», pentsatzen genuen. Ez Mikelengatik soilik; ez zitzaigun bidezkoa iruditzen kategoria hau bigarren mailan gelditzea. Maila handieneko lehiaketak Mikelek irabazi dituenak dira, eta hor gelditzen da. Horren aurrean, lagun, entrenatzaile eta familia askok Downen sindromea dutenentzat pareko lehiaketak antolatzen dituzte. Baina hori ez da konponbidea. Jarraitu beharreko printzipioa justizia baldin bada, pertsona hauek beste guztien pare lehiatzea lortu behar da. Euskal Herrian ez daude Mikelen antzeko kasu asko, baina Espainian bai, baita mundu mailan ere. Benetan ona den jende asko dago, eta horiengatik guztiengatik gabiltza borrokan. Mikelekin gertatzen ari den honek zer erakusten du? G.G. Ezgaitasun bat duen seme edo alaba bat duzun momentutik onartuta daukazu bizitza osoan borroka egin beharko duzula. Ez zure semearengatik bakarrik, baizik eta justiziarengatik. Arlo hau duela hamar urte baino hobeto dago orain, baina oraindik gauza asko gelditzen zaizkigu borrokatzeko. Kirolarena bat da, baina badakigu hezkuntzako, laneko eta gizarteko beste hainbat gaitan ere borrokatu beharko dugula. Azkenean, isilik geratzea ez da aukera bat. 8.000 sinadura bildu zenituzten Change.org plataforman. Baina urrunago ere iritsi da sinaduren proposamena, ezta? G.G. Bi hilabete eta erdian lortu genituen 8.000 sinadurak. Guk gure ingurukoei bidali genien, baina gurekin zerikusirik ez zuen jende askok sinatu zuen. Mundu osoko pertsona askok eman digute babesa. Mikelen aldeko kanpaina bat ere sortu dute batzuek. Oso harrera ona izan du. Plataformako kideek ere deitu ziguten, esanez oso proposamen ona iruditzen zitzaiela eta beraiek ere zabalpenean lagunduko zigutela. Azken batean, ez da zerbaiten kontra egiteko sinadura bilketa bat: pertsona ororen eskubidea bermatzeko, kirola egiteko eskubiderako kanpaina bat da. Baina, hala ere, proposamena guk uste baino urrunago iritsi da, bai. Senatura kasualitatez iritsi dela esan dezakegu. EAJko senatari baten eskutara iritsi zen sinadura bilketa, eta gurekin harremanetan jarri ziren. Kultura eta Kirol arduradunari helarazi zioten mezua, eta begi onez hartu zuen eskaera. Downen sindromedunentzat kategoria propioa sortzeko proposamen hori bozkatuko dute, eta, egia esan, harrera ona izango duela aurreikusten dugu. Asko eskertu dugu gure proposamena Senaturaino heldu izana; azken batean, horrek bultzada ematen digu. Gure inguruko jende asko etsita zegoen honekin, ez zuten espero horren urrun iritsiko zenik. Honek animoak eman dizkigu, ezta, Mikel? M.G. Bai, auzoan asko animatzen naute, eta nirekin batera lehiatzen dutenak eta taldekideak ere gogoz daude. Proposamen hau aurrera badoa, Downen sindromea duten pertsonentzat mugarri bat izan daitekeela uste duzue? G.G. Bai. Ate berri bat irekiko da. Dena den, beste mila geratuko zaizkigu irekitzeko. Tokiorako beranduegi bada, 2024an Parisko Olinpiar Jokoetan ikusiko zaitugu, Mikel? M.G. Bai. Asko entrenatzen naiz. Astean bost egunetan, eta, batzuetan, egunero ere bai. Orain oporrak hartu ditut. G.G. Mikel ere asko entrenatu beharko da, beste edonor bezala. Seguruenik ez gara Tokiorako iritsiko, baina Australian eta Polonian egon ostean, Parisera iristea ere lortuko dugu.
2020-12-7
https://www.berria.eus/albisteak/190798/realaren-joari-eutsi-dio-alavesek.htm
Kirola
Realaren joari eutsi dio Alavesek
Gola sartzeko aukera bikainak izan dituzte donostiarrek, baina Pacheco Alaveseko atezaina izan da neurketako jokalaririk onena. Realak Espainiako Ligako lidergoa galdu du, eta Alaves hamaikagarren dago sailkapenean.
Realaren joari eutsi dio Alavesek. Gola sartzeko aukera bikainak izan dituzte donostiarrek, baina Pacheco Alaveseko atezaina izan da neurketako jokalaririk onena. Realak Espainiako Ligako lidergoa galdu du, eta Alaves hamaikagarren dago sailkapenean.
Fernando Pacheco. Ez zen beste izenik entzuten atzo Alavesek eta Realak Mendizorrotzan (Gasteiz) jokatu zuten neurketaren ostean. Realak, beste behin ere, baloiaren jabetza izan zuen 90 minutuetan zehar, eta aukera bikainak ere izan zituzten. Baina atzo ez Isak, ez Portu, ez Willlian Jose. Atzo Pachecok irabazi zituen lehia guztiak. Atletico Madrilek garaipen bat lortu duenez, Realak Espainiako Ligako lidergoa galdu du, eta bigarren da sailkapenean. Norgehiagokari ekin aurretik hasi zitzaizkien arazoak donostiarrei: David Silva beroketan lesionatu zen, eta harmailetan geratu behar izan zuen. Beraz, atzo Silva eta Oiartzabal gabeko hamaikakoa zelairatu behar izan zuen Imanol Alguacilek, Realaren denboraldi hasiera onaren bi erantzule nagusiak, ziurrenik. Neurketako lehen gol aukera garbia donostiarrek izan zuten: Isakek ate aurrean errematatu zuen Merquelazen erdiraketa bat —atzo lehen aldiz hasieratik jokatu zuen irundarrak—, baina atepean geratu zuen baloia Pachecok. Berehala iritsi zen Alavesen erantzuna ere. Remiro gaizki irten zen baloi baten bila, eta Joseluk area kanpotik egindako jaurtiketa gutxigatik joan zen kanpora, atea hutsik zegoela. Ez zen erremate erraza. Hortik aurrera, Reala izan zen baloiaren jabe, eta euren atea gogor defendatzeari ekin zioten gasteiztarrek. Bigarren zatian, gainera, jokalari bat gutxiagorekin geratu zen Alaves, Battagliak epaileari zerbait esan ziolako eta hark txartel gorria erakutsi ziolako. 61. minutua zen. Hortik neurketa amaierara arte, ordea, are eta defentsa lan hobea egin zuen Alavesek, eta bolada onari eusteko puntu bat eskuratu zuten. Realak, berriz, aldaketa asko egin zituen hamaikakoan, datorren astean Napolin (Italia) hil ala biziko norgehiagoka jokatuko baitute Europa Ligan. Alaves: Pacheco; Ximo Navarro, Lejeune, Laguardia, Duarte; Peleteiro, Battaglia, Pina, Luis Rioja (Edgar, 88'); Lucas Perez (Martin, 72') eta Joselu. Reala: Remiro; Gorosabel (Zaldua, 75'), Zubeldia, Sagnan (Zubimendi, 83'), Aihen; Roberto Lopez (Bautista, 75'), Gebara, Merino; Portu (Barrenetxea, 83'), Merquelanz eta Isak (Willian Jose, 75').
2020-12-7
https://www.berria.eus/albisteak/190799/osasunak-atzerapausoa-eman-du.htm
Kirola
Osasunak atzerapausoa eman du
Bolada txarrean zegoen Betis, eta nagusitu egin da Sadarren, Iglesiasen eta Mirandaren golei esker. Jaitsiera postuetan da Osasuna.
Osasunak atzerapausoa eman du. Bolada txarrean zegoen Betis, eta nagusitu egin da Sadarren, Iglesiasen eta Mirandaren golei esker. Jaitsiera postuetan da Osasuna.
Irabazi beharreko neurketa zirudien atzokoak. Bolada txarrean zebilen Betis, bere jokalari garrantzitsuenen lesioak tarteko, eta puntuen beharrean zegoen Osasuna. Gorritxoek ez zuten, ordea, behar hori zutenik erakutsi. Lehen zati astuna jokatu zuten bi taldeek. Betisek izan zituen pare bat gol aukera ondo konpondu zituen Sergio Herrera atezainak, Fekirren jaurtiketa bati egindako geldiketa ikusgarri bat tarteko. Osasuna, berriz, joko zuzena baliatzen saiatu zen, eta haietako batean lotu zuen gola ere. Ante Budimir, ordea, gutxigatik, jokoz kanpo zegoen. Bi taldeek lekua galtzeko asmorik gabe jokatu zuten, eta ez zen lehia ikusgarria izan. Betisek, ordea, aldaketekin asmatu zuen, eta zelaira sartu eta lau minutura gola sartu zuen Borja Iglesiasek. Kontraeraso bikaina jokatu zuen Sevillako taldeak, eta baloia bultza besterik ez zuen egin behar izan aurrelariak. Azken minutuetan gehiago gerturatu zen Osasuna Betisen areara. Aukerarik, ordea, ez zuten sortu, eta hori baliatu zuten andaluziarrek bigarrena egiteko: Joaquinen erdiraketa batean Mirandak aurrea hartu zion Nacho Vidali, eta huts eta bikoa ezarri zuen markagailuan. Emaitza honen ondorioz, jaitsiera postuetan da Jagoba Arrasateren taldea. Osasuna: Herrera; Roncaglia, Aridane, David Garcia, Iñigo Perez (Nacho Vidal, 80'); Brasanac (Sanjurjo, 46'), Moncayola, Ruben Garcia (Barja, 73'), Roberto Torres; Budimir eta Enric Gallego (Calleri, 65'). Betis: Robles; Emerson, Victor Ruiz, Bartra, Moreno; Guido, Carvalho, Guardado (Miranda, 82'), Aitor Ruibal (Joaquin, 82'), Fekir (Sidnei, 91') eta Loren (Iglesias, 72').
2020-12-7
https://www.berria.eus/albisteak/190800/botoen-67-eskuratu-ditu-nicolas-maduro-presidentearen-aldeko-blokeak.htm
Mundua
Botoen %67 eskuratu ditu Nicolas Maduro presidentearen aldeko blokeak
Parte hartzea %31koa izan da. Abian da oposizioak antolatutako «herri kontsulta» ere, Guaidoren indarrek osatutako Asanblea Nazionala berresteko.
Botoen %67 eskuratu ditu Nicolas Maduro presidentearen aldeko blokeak. Parte hartzea %31koa izan da. Abian da oposizioak antolatutako «herri kontsulta» ere, Guaidoren indarrek osatutako Asanblea Nazionala berresteko.
Nicolas Maduro presidentearen GPPSB Simon Bolivar Polo Patriotiko Handiak irabazi ditu Venezuelako Batzar Nazionalerako hauteskundeak botoen %67 eskuratuta. Hauteskundeetako Batzordeko Nazionaleko buru Indira Alfonsok zehaztu duenez, botoen %82 zenbatuta. Oposizioko alderdi nagusiak abstentziorako deia egina zuten, eta beraz jakina zen alderdi ofizialista izango zela nagusi. Horri dagokionez, parte hartzea zen gobernuaren kezka nagusia, eta ez da heldu %40ra. Herritarren %31 joan da bozkatzera, 5,2 milioi hautesle. Hala ere, parte hartzea 2005ekoak baino sei puntu handiagoa da –urte hartan ere abstentziorako deia egin zuen oposizioak–. Pozik agertu da Maduro lortutako emaitzekin: «Chavismoarentzako garaipen handia da hau. Batzar horrek herriaren aurka zer egin zuen jakinik: estatu kolpeak, esku hartzerako deiak, zigorrak... Bost urte geroago, Batzar Nazional berria dugu. Guk badakigu irabazten eta galtzen, eta gaur irabaztea egokitu zaio Venezuelako herriari». Oposizioko hainbat alderdik ere hartu dute parte hauteskundeetan. Horien artean Aliantza Demokratikoa koalizioak jaso ditu boto gehien, %18; Venezuela Batuak botoen %4 eskuratu ditu; eta Venezuelako Alderdi Komunistak, %2,73. Oposizioaren galdeketa Bere burua behin-behineko presidentetzat jo zuen Juan Guaido oposizioko kideak «iruzurtzat» jo ditu bozak, eta emaitzak aurrez prestatu izana egotzi dio Maduroren gobernuari. «Iruzurra egin dute. Venezuelako gehiengoak bizkarra eman dio Madurori; herritarren babesa galdu dute. Jakin badakite inoiz ez dituztela irabaziko hauteskunde aske batzuk. Emaitzak aspaldi prestatuta zituzten: gezurrezko hauteskunde batzorde bat, hautagai faltsuak, gezurrezko oposizio bat...». Guaidoren Herri Borondatea alderdiak «herri kontsulta» bat antolatu du bere aldetik, larunbatean hasi eta abenduaren 12ra arte luzatuko dena. Bertan galdetuko diete herritarrei eurek zuzendutako Asanblea Nazionalari eusteko prest ote dauden.