date
stringdate
2012-09-20 00:00:00
2023-12-01 00:00:00
url
stringlengths
47
182
category
stringclasses
10 values
title
stringlengths
3
140
subtitle
stringlengths
0
1.17k
summary
stringlengths
5
1.18k
text
stringlengths
2
35.8k
2021-1-11
https://www.berria.eus/albisteak/192098/itp-aero-castingseko-langileek-bitartekaritza-eskatu-diete-jaurlaritzari-eta-bizkaiko-aldundiari.htm
Ekonomia
ITP Aero Castingseko langileek bitartekaritza eskatu diete Jaurlaritzari eta Bizkaiko Aldundiari
Mugagabeko greba hasi zuten joan den astean, 90 kaleratze eragozteko.
ITP Aero Castingseko langileek bitartekaritza eskatu diete Jaurlaritzari eta Bizkaiko Aldundiari. Mugagabeko greba hasi zuten joan den astean, 90 kaleratze eragozteko.
Ez daude amore emateko ITP Aero Castings enpresako langileak. Hilaren 7an greba mugagabea hasi zuten, enpresaren jabeak, ITP talde aeronautikoak, 90 kaleratze abian jarri dituelako Barakaldoko eta Sestaoko lantegietan (Bizkaia). Hasiera batean, 136 bota nahi zituen, baina kopurua gutxitu zuen gero. Kaleratutako langileen zerrenda dagoeneko banatu du zuzendaritzak. Barakaldoko fabrikaren aurrean gaur goizean egindako agerraldian, ITP Aero Castingseko langileen ordezkariek erakunde publikoen esku hartzea eskatu dute. Gogorarazi dute sektore aeronautikoak laguntza publikoak jaso dituela sektore estrategikoa delako, eta horregatik uste dute gatazkan bitartekari lana egin beharko luketela Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak. «Hitzetatik ekintzetara igarotzeko garaia da, eta apustu egiteko langabezia eta pobrezia bukatzearen alde». Langileek uste dute kaleratzeek ez daukatela justifikaziorik, aeronautikaren krisia aldi baterakoa soilik delako eta ez egiturazkoa, zuzendaritzak dioen moduan. «Zuzendaritzak exekutatu nahi duen benetako atentatu bat» dira kaleratzeak, haien esanetan, eta helburu bat dute: «ITPk poltsikoak betetzen jarraitzea. Zapalketa honen atzetik dagoena da Rolls Roycek ITP taldea saldu nahi duela aurtengo udaberrian». Kaleratzeen ordez, «malgutasun neurriak» eskaini dituzte eskariaren jaitsierari aurre egiteko «Posible da [enplegua] erregulatzea langile bakar bat kaleratua izan gabe eta Barakaldoko eta Sestaoko plantentzat berme ekonomikoak emanda».
2021-1-11
https://www.berria.eus/albisteak/192099/eh-bilduk-larunbatean-abiatuko-du-bigarren-kongresurako-prozesua.htm
Politika
EH Bilduk larunbatean abiatuko du bigarren kongresurako prozesua
Maiatzean amaituko da, zuzendaritza berria hautatuta. 2017ko kongresuan ezarritako bidean sakontzea da asmoa.
EH Bilduk larunbatean abiatuko du bigarren kongresurako prozesua. Maiatzean amaituko da, zuzendaritza berria hautatuta. 2017ko kongresuan ezarritako bidean sakontzea da asmoa.
EH Bilduk bigarren kongresua egingo du udaberrian, eta prozesu horren xehetasun batzuk eman dituzte Garikoitz Mujika zuzendari nagusiak eta Onintze Oleaga EH Bilduko udal politikako arduradunak. Kongresu prozesua batzar nagusi bat eginez hasiko dute, asteburu honetan, eta maiatzera arte luzatuko da. 2017an egin zuten sorrerako kongresua, eta orduan hartutako erabakietan sakontzeko bidea egingo dute, Mujikak azaldu duenez. Lau parte nagusi bereizi ditu Mujikak. Lehena, larunbat honetako batzarra; orduan abiatuko da kongresua, kideei kongresuko planteamenduak aurkezteko. Berme Batzordea ere aukeratuko dute larunbatean. Otsailean egingo dute beste batzar bat, eta orduan aurkeztuko dituzte orain arte eginiko lanaren balantzea eta ponentzia politiko eta organizatibo berriak. Aurkezten diren zuzenketak, proposamenak eta abarrak apirilean egingo duten batzar batean bozkatuko dituzte, eta azken pausoa maiatzean emango dute, zuzendaritza berria aukeratuta. «Lan horiek guztiak EH Bildu indartzeko eta erabakigarriagoak izateko egingo dira», azaldu du Mujikak. 10 urte baino ez izango da kongresuaren leloa. Izan ere, hamar urte dira aurten Bildu sortu zela, 2011ko udal eta foru hauteskundeei begira. «Azken hamar urteetako lorpenei balioa emango diegu, datorren hamarkadako erronkei begiratzeko», esan du Mujikak. Asmoa 2017ko erabakietan sakontzea izanik, orduan ezarritako ildo nagusiak gogorarazi ditu: batetik, subjektu politiko propioa eratzea, «koalizio forma, alderdi egiturak eta mugimendu bokazioa» dituena; bestetik, EH Bilduren jarduera eremuak erakundeak eta gizartea izatea; eta, azkenik, zuzendaritza bat sortzea, «ekintza politikoa, instituzionala, gizarte arloko alternatiba eta eragile mobilizatzaile gisa garatzeko». Mujikak adierazi du EH bildu «gobernu indar izateko asmoak, eskumenak eta gaitasunak dituen indar politiko gisa ez ezik, palanka eta tresna gisa» aurkezten dela, «herrialde honi gure proiektu politikoa lortzeko bitartekoak eta bideak emateko; hau da, euskal errepublika sortzeko». Horretarako, kongresua «gertakari politikoa» izatea nahi dute, batez ere EH Bilduren komunitatean. Batzeko deia Larunbateko batzarra telematikoa izango dela gogorarazi du Oleagak; aurrez izena eman beharko da. Azaldu duenez, hilabeteotan prozesuan parte hartzeko bi tresna izango dituzte EH Bilduko kideek: ohiko bide telematikoak eta herri batzarrak. Bigarren horiek izango dira «kongresuaren muina», eta kideek bi bideen bitartez eskuratu ahal izango dute dokumentazio guztia. Gaineratu du «ezinbestekoa» dela EH Bilduren proiektu politikoarekin bat egiten duten herritarrei «kongresuaren garrantzia helaraztea»; ildo horretan, 2017ko kongresuan onartutako estatutuen arabera, bilkide izatea ezinbestekoa izango da parte hartzeko, eta, beraz, proiektuarekin bat egiten duten herritarrei dei egin diete bilkide izateko.
2021-1-11
https://www.berria.eus/albisteak/192100/artolaren-lesioak-lehen-garaipena-eman-dio-urrutikoetxea-imaz-bikoteari.htm
Kirola
Artolaren lesioak lehen garaipena eman dio Urrutikoetxea-Imaz bikoteari
Partida hamaseina berdinduta zegoela, aurreralariak min hartu zuen, eta ezin izan zuen jokatzen jarraitu.
Artolaren lesioak lehen garaipena eman dio Urrutikoetxea-Imaz bikoteari. Partida hamaseina berdinduta zegoela, aurreralariak min hartu zuen, eta ezin izan zuen jokatzen jarraitu.
Partida hamaseina berdinduta zihoan Artolak eskuak eskuin hankara eraman zituenean. Aurrelaria ez zen saiatu ere egin Urrutikoetxeak eginiko azken dejadara iristen. Medikuari begiratu, eta sartu-irtena egin zuen aldageletan. Saiatu zen berriz ere jokatzen, baina tanto bat besterik ez zuen iraun. Gauzak hala, partida Urrutikoetxea-Imaz bikotearentzat izan zen: 22-16. Bi jardunaldiren ostean, garaipena eskuratu ezinda daude, berriz, Artola eta Aranguren. Partida sendo hasi zuten urdinek. Urrutikoetxearen eta Imazen ezina aprobetxatuz, 3-11 eta 4-12 aurreratu ziren Artola eta Aranguren. Haiek lan erdietara iristearekin batera, ordea, gorriak esnatu egin ziren. Markagailuan 9-15 jarri ostean, 7-1eko partziala eskuratu zuten, partida berdintzeko. Beraz, Artolaren lesioa iristerako, gorriak jokoan nagusitzen ari ziren, baina partida irekita zegoen oraindik. Orain, itxaron egin beharko da jakiteko ea Artola gai izango ote den Peña II.aren eta Albisuren aurkako partida jokatzeko. Ezin badu, Baiko enpresak ordezko bat izendatu beharko du. Gaur amaituko da Binakako Txapelketako bigarren jardunaldia, Jaka-Martija eta Elezkano II-Zabaleta bikoteen arteko partidarekin. Lehenengoek ezin izan zuten txapelketa garaipen batekin hasi; bigarrenek, berriz, 22-3 hartu zituzten mendean Ezkurdia eta Ladis Galartza.
2021-1-11
https://www.berria.eus/albisteak/192101/693-positibo-atzeman-dituzte-hego-euskal-herrian.htm
Gizartea
693 positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian
12.075 proba egin dira Hegoaldean, eta egindako proba guztien %5,74k eman dute positibo. Eusko Jaurlaritzak eskainitako datuen arabera, 410 pertsona daude erietxeetan, eta, beraz, handiagoa da ospitaleetako okupazioa.
693 positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian. 12.075 proba egin dira Hegoaldean, eta egindako proba guztien %5,74k eman dute positibo. Eusko Jaurlaritzak eskainitako datuen arabera, 410 pertsona daude erietxeetan, eta, beraz, handiagoa da ospitaleetako okupazioa.
Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak eskainitako datuen arabera, 12.075 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo Hego Euskal Herrian, eta horietatik 693 positibo detektatu zituzten. Hain zuzen, egindako proba guztien %5,74k eman zuten positibo, eta, beraz, OME Osasunaren Mundu Erakundeak ezarritako gutxieneko markatik —%5ekoa da— gora dago oraindik ehunekoa. Lurraldeetako egoerari dagokionez, eta aurreko egunetako joerari segituz, Bizkaian atzeman dituzte positibo gehienak. Jaurlaritzak eman dituen datuak oinarri hartuta, 322 kasu detektatu zituzten atzo lurralde horretan, eta eremu gorrian daude, gaur-gaurkoz, Amorebieta-Etxano, Bermeo eta Lekeitio. Gipuzkoan, 166 positibo erregistratu zituzten, eta Andoain, Beasain, Lazkao, Villabona eta Zumaia daude okerren, Jaurlaritzak ezarritako irizpideen arabera. Nafarroan 133 izan dira positiboak, eta Araban, 67. Araban, Agurain dago eremu gorrian. Erietxeetan, Jaurlaritzak ohartarazi du beste 37 pertsona ospitaleratu zituztela atzo, eta guztira 334 daudela gela arruntetan. ZIU zainketa intentsiboetako unitatean, berriz, 76 gaixo daude ospitaleratuta. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan, beraz, 410 pertsona daude, orain dela astebete baino 57 gehiago. Erietxeetan, beraz, geroz eta pertsona gehiago daude. Gainera, Labi batzorde teknikoak gaur emango du hartutako erabakiaren berri. Nafarroako Gobernuak, berriz, oraindik ez ditu datu horiek eskaini, eta arratsaldean emango ditu behin-behinekoak.
2021-1-11
https://www.berria.eus/albisteak/192102/zhaparov-espetxetik-presidentetzara-jauzi-bakarrean.htm
Mundua
Zhaparov, espetxetik presidentetzara jauzi bakarrean
Kirgizistango presidente eta lehen ministro ohiak alde handiz irabazi ditu presidentetzarako bozak, botoen %79 eskuratuta. Oposizioak ez ditu emaitzak onartu.
Zhaparov, espetxetik presidentetzara jauzi bakarrean. Kirgizistango presidente eta lehen ministro ohiak alde handiz irabazi ditu presidentetzarako bozak, botoen %79 eskuratuta. Oposizioak ez ditu emaitzak onartu.
Duela hamabost urte sartu zen politikagintzan Sadir Zhaparov, diputatu aukeratu zutenean. Ibilbidea, ordea, eten egin zuen 2013an, presidentearen jauregian indarrez sartu eta «istiluak» bultzatzeagatik espetxeratu zutenean. Baina iazko urrian, parlamenturako bozen ostean, protestak lehertu ziren. Manifestariek salatu zuten iruzurra egon zela, eta protestak hasi zituzten; horietan, jende multzo batek Zhaparov espetxetik ateratzea lortu zuen. Hortik aurrera, azkarra izan zen igoera. Auzitegi Gorenak haren aurkako zigorra indargabetu ostean, lehen ministro izendatu zuten, eta, jarraian, presidente. Azaroan, baina, dimisioa eman zuen, hauteskundeetara aurkeztu ahal izateko. Orain, botoen %79 lortuta, Zhaparov indartuta irten da. Akram Madumarov nazionalista geratu da bigarren tokian, botoen %6,7 eskuratuta. Emaitzak ikusita, iruzurra salatu du oposizioak, eta ez ditu ontzat eman emaitzak. «Ez ditut emaitzak onartuko. Gaur agian politikariak isilik daude, baina bihar jendeak galderak egingo ditu», salatu du Madumarovek. Kritiko agertu da ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundea ere, eta Zhaparovi egotzi dio «kanpainaren jabe» egin izana, beste hautagaiei tarterik utzi gabe. «Berak bakarrik izan du gaitasuna herrialde osoan kanpaina egin ahal izateko, eta horrek eragina izan du garaipen zabalean. Komunikabideek ere ez dute interpretazio kritikorik egin, eta ez dira ikertu kazetarien aurkako azken erasoak», salatu du erakundeak. Zhaparovek, bestalde, pozik hartu du garaipena. Iragarri du ahalegina egingo duela aurreko gobernuaren «akatsak» errepikatu ez daitezen, eta iradoki du baztertu egingo dituela aurreko administrazioko goi kargudunak: «Gobernuko ateak beti egongo dira zabalik herritarrentzat. Burokrata zaharrak eta buruzagi ustelak boteretik baztertu behar ditugu».
2021-1-11
https://www.berria.eus/albisteak/192103/argia-behar-baionan.htm
Gizartea
Argia behar Baionan
Argia behar Baionan.
Komeni zaio azkar argitzea Frantziako Poliziari eta, horrekin batera, Jerome Bourrier prokuradoreari zer eta nola gertatu den hilketa Baionan. Prokuradoreak jakinarazi duenez, bi bide zabaldu ditu gertatutakoa argitzeko. Lehen bidean, ikertu nahi du emakumeak autoarekin eraso egin ote zien poliziei, Poliziaren bertsioaren arabera emakumeak nahita jo baitzuen kontrola ezarrita zeukan poliziaren autoaren aurka, kontroletik ihes egiteko asmoz. Bigarren ikerlerroak Poliziaren jarduna aztertu nahi du, eta argitu beharko luke ea ustez ihes egin nahi zuen emakumeari tiro eman zion poliziaren bizitza oso arrisku larrian zegoen, eta ea tiro ematea beste biderik ez zeukan poliziak. Hor dago ikerketaren gakoa. Ez afera batean ez bestean ez dugu, tamalez, emakumearen bertsioa edukiko, eta zaila izango da polizia ez den lekukorik topatzea, gaueko ordu batean gertatu baitzen. Azken urteotan, poliziak gaizkilearen bizitza errespetatzea helburu eduki behar duela lehenesten duten ordena publikoko adituen irizpideari jarraituta, nahiko onartuta dago tiro egitea azken-azken aukera dela poliziarentzat, erabat muturrekoa eta poliziaren edo beste inoren bizitza arrisku benetakoan dagoenekoa soilik. Ez, hamarkadetan egin den bezala, ihesean zihoan gaizkilea harrapatzeko; horretarako hankak, autoak, helikopteroak… dauzkate poliziek.
2021-1-11
https://www.berria.eus/albisteak/192104/aebek-talde-terrorista-izendatuko-dute-huti-mugimendu-xiita.htm
Mundua
AEBek «talde terrorista» izendatuko dute huti mugimendu xiita
Yemengo huti mugimendua «Iranen babespeko milizia hiltzailea» dela esan du Mike Pompeo AEBetako Estatu idazkariak. Izendapen horri erantzuteko eskubidea dutela ohartarazi dute xiitek.
AEBek «talde terrorista» izendatuko dute huti mugimendu xiita. Yemengo huti mugimendua «Iranen babespeko milizia hiltzailea» dela esan du Mike Pompeo AEBetako Estatu idazkariak. Izendapen horri erantzuteko eskubidea dutela ohartarazi dute xiitek.
Etxe Zurian aldaketa emateko egun gutxiren faltan, AEBek Yemenekin eta, batez ere, Iranekin dituen harreman diplomatikoak are gehiago zaildu ditzakeen erabakiaren berri eman du Mike Pompeo AEBetako Estatu idazkariak. Yemengo huti mugimendu xiita «talde terrorista» izendatzeko asmoa iragarri du, ohar baten bidez. Pompeok jakinarazi duenez, Kongresuari eskatuko dio Ansar Ala mugimenduko —mugimenduaren berezko izena— buruzagi Abdulmalik al Huthi, Abd al Jalif Badradin al Huthi eta Abdula Yahya al Hakim nazioarteko terroristen zerrendan sartzeko. «Izendapen hauek Ansar Alaren terrorismoari aurre egiteko tresnak emango dizkigute» adierazi du Pompeok, eta Ansar Ala «Iranen babespeko milizia hiltzailea» dela. Xiitek «euren ekintza terroristengatik ordain dezaten» eskatu du Pompeok, eta izendapenak AEBei horretarako aukera emango diela azaldu du. Yemengo egoera hobetzeko estrategiaren barruan kokatu du erabakia AEBetako Estatu idazkariak. «Iranen esku hartzerik izango ez duen eta bere bizilagunekin bakean egongo den Yemen baketsu, subirano eta batu bateranzko» urratsak ematea du xede Etxe Zuriaren erabakiak, haren arabera. Hala ere, kezka agertu du erabakiak Yemengo «egoera humanitarioan izan dezakeen inpaktuarengatik». Zentzu horretan, erabakiaren ondorioak arintzeko neurriak martxan jarriko dituztela iragarri du. «Jende asko hil duen, herrialdea desegonkortzen duen eta Yemengo gatazkari irtenbide baketsu bat ukatzen dien» kanpaina baten erantzule egin ditu Pompeok hutiak, eta «talde terrorista moduan» jarduten dutela salatu du. Gogor kritikatu du mugimendu xiitaren eta Irango Gobernuaren arteko harremana, eta Iranek Ansar Ala armaz laguntzen duela esan du. Huti mugimenduko buruzagi Mohammed Ali al Huthik Twitter bidez erantzun dio izendapenari: «Estatu Batuak dira terrorismoaren jatorria. Beraien politikek pentsamendu krisi bat erakusten dute. Erabakia gogor kondenatzen dugu, eta Trumpen gobernuak nahiz beste edozein gobernuk egin ditzaketen sailkapenen aurrean erantzuteko eskubidea aldarrikatzen dugu». Era berean, Yemengo herritarrek halako sailkapenekiko duten atxikimendu falta nabarmendu du, eta AEBak egin ditu «Yemengo herria hiltzearen eta gosez hiltzen uztearen» erantzule. Adengo erasoa Yemengo Gobernuak txalotu egin du AEBen erabakia, ohar batean, eta «hutien aurkako presio politikoa eta legala» areagotzeko deia egin du, gatazkari «irtenbide baketsu bat emateko baldintzak» sor daitezen. Era berean, hutiei egotzi die duela bi aste gobernuari eraso egin izana. Yemengo batasun gobernu eratu berriari eraso egin zioten Aden hiriko airerportuan, eta dozenaka hildako izan ziren. Hutiek, ordea, ukatu egin dute erasoak haiek egin zutela.
2021-1-11
https://www.berria.eus/albisteak/192105/georges-pernoud-hil-da-thalassa-telebista-saioaren-aurkezle-zena.htm
Bizigiro
Georges Pernoud hil da, 'Thalassa' telebista saioaren aurkezle zena
73 zituela zendu da, Paris inguruko erietxe batean. Ia berrogei urtez aurkeztu zuen, France3 katean, itsasoari eta hango bizitzari buruzko saioa, 2017ra arte.
Georges Pernoud hil da, 'Thalassa' telebista saioaren aurkezle zena. 73 zituela zendu da, Paris inguruko erietxe batean. Ia berrogei urtez aurkeztu zuen, France3 katean, itsasoari eta hango bizitzari buruzko saioa, 2017ra arte.
«Thalassa-rekin, frantziarrei itsasoarekiko eta hango paisaiekiko zuen maitasuna igorri zigun ia berrogei urtez. Gure belaunaldikook Pernoudi esker ezagutu genuen ingurumena zaindu behar dugu orain». Hitz horiek eskaini dizkio sare sozialetan Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Georges Pernoudi, eta ondo laburbiltzen dute telebistako aurkezleak herrialdean zuen irudia nolakoa zen. Telebista aurkezlea 73 urterekin hil da, Paris inguruko erietxe batean. Pernoudek ia berrogei urtez aurkeztu zuen Thalassa telebista saioa, France3 katean. Saioa berak sortu zuen, 1975. urtean: 1980an hasi zen aurkezten, eta 2017an kendu zuten programaziotik. Itsasoari buruz hitz egiten zuen: hango bizitzari buruz, arrantzaleei buruz, artxipelagoen aurkikuntzaz... baita migratzaileen erreskateez edo hegaluzeen arrantzaz ere. Azken saioa 2017ko ekainaren 30ean aurkeztu zuen, Saint-Malo herrian, Bretainian. Orduan, France3 kateak omenaldia egin zion: «1975eko irailaren 25etik, Thalassa-ren 1.704 saioetan, kalitate handiko txosten eta ikerketak egin ditu itsasoaren eta han bizi direnen inguruan», adierazi zuten kateko arduradunek. Pernoud Marokon jaio zen, 1947an. Mendizale amorratua zen, baina 1973an, kameralari zebilela, munduari emandako itzuli batean egin zuen lan, eta orduan piztu zitzaion itsasoarekiko interesa. 1975. urtean, France3ko irudien arduradun bilakatu zen, eta urte hartan bertan sortu zuen ospetsu egin zuen saioa. Lehen hiru urteetan hilabetean behin botatzen zuten, baina, hortik aurrera, asterokoa bilakatu zen. 'Thalassa itsasoa', ETBn Pernoudek sortutako saioan inspiratutako saio bat bota zuten ETBn ere: 1991ko urtarrilaren eta 1995eko irailaren artean, Thalassa itsasoa izenekoa. Astero ikus zitekeen hura ere. Euskal Herriko itsasoari buruzko erreportaje haiek Kataluniako Rumbo Sur ekoiztetxeak ekoitzi zituen.
2021-1-11
https://www.berria.eus/albisteak/192106/sei-positibo-detektatu-dituzte-lezako-ospitalean.htm
Gizartea
Sei positibo detektatu dituzte Lezako ospitalean
Hiru pazientek eta hiru langilek eman dute positibo. Erietxean dauden gainerako kideei probak egin dizkiete.
Sei positibo detektatu dituzte Lezako ospitalean. Hiru pazientek eta hiru langilek eman dute positibo. Erietxean dauden gainerako kideei probak egin dizkiete.
Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak gaur eginiko agerraldian jakinarazi duenez, sei positibo atzeman dituzte Lezako ospitalean (Araba). Hain zuzen, hiru pazientek eta hiru langilek eman dute positibo. Gasteizko Txagorritxuko ospitalera lekualdatu dituzte positibo eman duten hiru pazienteak, Osakidetzako protokoloak hala zehazten duelako. Lezako erietxean zeuden gainerako pazienteei eta langileei, berriz, birusaren probak egin dizkiete.
2021-1-11
https://www.berria.eus/albisteak/192107/bertan-behera-utzi-dute-antzutze-behartuen-auzian-fujimoriren-kontrako-akusazioa-zehazteko-saioa.htm
Mundua
Bertan behera utzi dute antzutze behartuen auzian Fujimoriren kontrako akusazioa zehazteko saioa
Ehunka emakumek Peruko presidente ohia salatu zuten, 1990eko hamarkadan behartuta antzutu zituztelako, estatuak diseinatu zuen programa bati jarraituz.
Bertan behera utzi dute antzutze behartuen auzian Fujimoriren kontrako akusazioa zehazteko saioa. Ehunka emakumek Peruko presidente ohia salatu zuten, 1990eko hamarkadan behartuta antzutu zituztelako, estatuak diseinatu zuen programa bati jarraituz.
Peruko Fiskaltzak Alberto Fujimori presidente ohiaren kontrako zigor eskaria zehaztu behar zuen gaur, epailearen aurrean, antzutze behartuen auzian. Harentzat ez ezik baita gainerako akusatuentzat ere. Presidente ohiarekin batera, auzipetuta daude Eduardo Yong Motta, Marino Costa Bauer eta Alejandro Aguinaga Fujimoriren agintepean (1990-2000) Osasun ministro izandakoak. Baina auzi saioa bertan behera utzi dute, eta zigor eskaera zehazteko unea atzeratu egingo dute hirugarren aldiz. Auzi saioa hasi aurretik, azkartasunez eta gardentasunez jokatzeko eskatu dio Antzutze Behartuek Kalte Egindakoen Elkarteak Peruko justiziari, baina biktimek zain jarraitu beharko dute. Hogei urte baino gehiagoren ondoren, biktimek inoiz baino gertuago ikusten zuten luzaroan esperotako urratsa: antzutze behartuengatik akusazio bat mamitzea eta Peruko justiziak gertaera horiek gizateriaren kontrako krimen gisa ikertzen hastea. Ez da, baina, halakorik gertatu oraingoz. Auzitegiak datozen egunetan zehaztuko du hurrengo saiorako data berria. Auzitegiak azaldu duenez, saiora deituta zegoen itzultzaileak kitxuaren aldaera bakarra ezagutzen du, eta ez hainbat biktimak hitz egiten dutena. Hori dela eta, hurrengo saiora biktima guztien kitxua aldaerak interpretatzeko gai diren itzultzaileak deitzea erabaki du, eta gaurko saioa bertan behera uztea. Saioa telematikoki egin da, baina Fujimorik ez du parte hartu. Bere abokatuak jakitera eman du medikuen zaintzapean dagoela, oxigeno eskasiagatik, eta gaineratu du ez duela saioan parte hartzera derrigortuta. Epaileak onartu egin du abokatuaren argudioa. Presidente ohia espetxeratuta dago 25 urteko kartzela zigorra betetzen, bi hilketa eta bi bahiketa egotzita. Justiziak 1.321 emakumeren kasuak jasotzen dituen salaketari erantzun behar dio: 1995 eta 2000 urteen artean antzutzera behartu zituzten. Guztiei eragin zizkieten lesio larriak, eta horietako bost hil egin ziren beren borondatearen kontrako esku hartze klinikoen ondorioz. Biktima kopurua salaketan jasotakoa baino handiagoa da, ordea. Peruko Justizia eta Giza Eskubideen Ministerioak sortutako erregistroan 5.000 emakume baino gehiago jaso dira antzutze behartuen biktima gisa; gehienak, emakume indigenak. Arartekoaren esanetan, berriz, behartutako 272.000 tronpa lotura eta 22.000 basektomia egin ziren 1996 eta 2001 artean: ustez, gobernuak diseinatutako plan baten barruan, gizartearen sektorerik pobreenetan jaiotze tasa murrizteko helburuarekin. Peruko Kongresuko ikerketa batzorde baten arabera, 315.000 emakume inguru atzetu zituzten gobernuaren sustatu zituen neurrien bidez. Cladem Emakumeen Eskubideen Latinoamerikako eta Karibeko Komitearen arabera, horietatik soilik %10 izan ziren espresuki esku hartzerako baimena eman zutenak. Presioak eta mehatxuak Fujimoriren gobernuak Ugalketa Osasunerako eta Famila Planifikaziorako Programa onartu zuen 1995. urtean. Hainbat emakume elkartek salatu dutenez, gobernuak presioak eta mehatxuak erabili zituen programaren bidezko antzutzeak behartzeko. Biktimek nabarmendu dute ez zitzailela tronpako loturari buruz eta esku hartze horren ondorioei buruz behar bezala informatu. Kongresuko ikerketa batzordeak, biktimen elkarteek eta giza eskubideen aldeko hainbat eragilek bildu dituzten testigantzek deskribatzen dituzte nola hertsatu zituzten. Kasu batzuetan, erditu berri zituzten haurrak ez erregistratzearekin egiten zieten mehatxu, aurretik kirofanotik pasatzen ez baziren. Beste batzuetan, abortoak eragitearekin. Presio psikologikoa ere salatu dute: arduragabekeria edota beren egoera ekonomiko ezegonkorra aurpegiratuta. Etxeetan erizainen bisitak jaso zituzten zenbaitek, ospitaletik pasatzen ez baziren Poliziarekin itzuliko zirela ohartarazteko. Anbulantziak ere bidaltzen zizkieten etxe atarira bila, eta hainbatetan indarrez eraman zituzten. Kanpainak egin ziren metodo antikontzeptiborik onena tronpen lotura zela ziurtatzeko, eta atzeraezinak ez diren beste neurri batzuk baztertzeko. Makilaren ordez azenarioa ere eskaini zitzaien. Elikagaiak eta sendagaiak, emakume pobreak konbentzitzeko, eta «pizgarri ekonomikoak» beren senarrei, baimen bat sinatu zezaten, beren emazteei «borondatez» antzutzeko.
2021-1-22
https://www.berria.eus/albisteak/192108/araban-bizkaian-eta-gipuzkoan-itxita-dauden-udalerriak.htm
Gizartea
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan itxita dauden udalerriak
Azken hamalau egunetan 100.000 biztanleko 500 kasu positibo baino gehiagoko intzidentzia tasa metatua duten udalerriak ixtea erabaki du Eusko Jaurlaritzak, eta herri horietako ostalaritza ere itxi egingo dute.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan itxita dauden udalerriak. Azken hamalau egunetan 100.000 biztanleko 500 kasu positibo baino gehiagoko intzidentzia tasa metatua duten udalerriak ixtea erabaki du Eusko Jaurlaritzak, eta herri horietako ostalaritza ere itxi egingo dute.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoa arteko sarrera-irteerak mugatzeaz gain, astelehenero eta ostegunero Eusko Jaurlaritzak itxi egingo ditu 500 positibo baino gehiagoko intzidentzia tasa duten udalerriak. Eman dituzten datu epidemiologikoen arabera, hauek daude eremu gorrian 5.000 biztanletik gorakoen artean urtarrilaren 22tik, 25era horiek barne: Araban, Agurain; Bizkaian, Abanto, Balmaseda, Bilbo, Bermeo, Elorrio, Gernika-Lumo, Gueñes, Lekeitio, Durango, Markina-Xemein, Muskiz, Trapagaran, Zierbena eta Zornotza; eta Gipuzkoan, Andoain, Azpeitia, Beasain, Orio, Pasaia, Tolosa, Villabona, Zumaia eta Zumarraga. Horiez gain, 5.000 biztanletik beherakoen artean, hauek egongo dira eremu gorrian egun horietan: Araban, Asparrena, Arratzua-Ubarrundia, Iruña-Oka, Bastida, Donemiliaga, Eskuernaga, Guardia, Lantaron, Lantziego eta Legutio. Bizkaian, Ajangiz, Artzentales, Forua, Gizaburuaga, Iurreta, Mundaka, Munitibar, Murueta, Muxika, Otxandio, Sondika, Zamudio eta Ziortza-Bolibar. Gipuzkoan, Aizarnazabal, Ibarra, Leaburu eta Zestoa. Hala, herri horietako biztanleek ezingo dute alboko udalerrietara joan-etorririk egin, eta taldeko kirol jarduerak etenda geratuko dira. Eremu gorriko udalerrien zerrenda astelehenetan eta ostegunetan berrikusiko du Jaurlaritzak, astero. Datuek datozen egunetan izango duten bilakaerak erabakiko du, beraz, itxitako herrien zerrenda arindu ala puztu egingo den aurrerantzean.
2021-1-11
https://www.berria.eus/albisteak/192109/israelek-iragarri-du-zisjordanian-beste-800-etxebizitza-eraikitzeko-asmoa-duela.htm
Mundua
Israelek iragarri du Zisjordanian beste 800 etxebizitza eraikitzeko asmoa duela
Israelgo Defentsa Ministerioa urtarrilaren 19an bilduko da plan berri bat aurkezteko, Joe Bidenek AEBetako presidente kargua hartu aurreko egunean. Oposizioak iragarpena egun horretan egitea kritikatu dio Netanyahuri.
Israelek iragarri du Zisjordanian beste 800 etxebizitza eraikitzeko asmoa duela. Israelgo Defentsa Ministerioa urtarrilaren 19an bilduko da plan berri bat aurkezteko, Joe Bidenek AEBetako presidente kargua hartu aurreko egunean. Oposizioak iragarpena egun horretan egitea kritikatu dio Netanyahuri.
«Geratzeko gaude hemen, eta Israelen lurretan eraikitzen jarraituko dugu». Hala iragarri du Benjamin Netanyahu Israelgo presidenteak, gaur, Zisjordanian beste 800 etxebizitza eraikitzeko asmoa dutela. Israelgo Defentsa Ministerioa urtarrilaren 19an bilduko da esku artean duten planaz hitz egiteko eta haren berri emateko. Eguna ez da ausaz hautatutakoa, ondo bidean hori baita Donald Trumpek AEBetako presidente gisa egingo duen azken eguna; Joe Biden demokratak urtarrilaren 20an hartuko du kargua. Zisjordania anexionatzeko asmoz Israelek kokaguneak eraikitzea ez da berria, 1967an hasi baitzen Palestinako eremu okupatuetan halako lanak egiten. 800 etxebizitza eraikitzeko asmoa, ordea, Israelgo Auzitegi Gorenak kokaleku haietako bat eraisteko agindu eta hilabete eta erdira hartu du Netanyahuk. Yair Lapidek, Yesh Atid oposizioko alderdiko liderrak, salatu du «urrats arduragabea» dela Netanyahuren erabakia, eta hautatutako egunean egin du azpimarra: «Bidenek oraindik ez du kargua hartu ere egin, eta jada hasi gara beharrezkoak ez diren istiluekin», adierazi du Lapidek. «Gobernu osasuntsu batek ez luke hasiko halako liskar bat AEBetako presidente berriarekin». Izan ere, Trumpek hainbatetan babestu du Israel bere agintaldian zehar; besteak beste, Zisjordaniako kokalekuak Israelen lurralde gisa aitortuz. Erabaki hark haserrea sortu zuen Palestinan, baina Mike Pompeo AEBetako presidenteordeak azaroan kokaleku batera eginiko bisitak Trump presidentearen asmoak berretsi zituen. Gauzak hala, babes hori aprobetxatu nahi du Israelek, Biden Etxe Zurira iritsi aurretik. Legez kanpoko kokalekuak Bestetik, Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak gaitzetsi egin du, beste behin, AEBek bitartekari lanak egitea, eta Bidenek Etxe Zuriaren norabidea aldatzea espero duela adierazi du. Nazioarteko zuzenbidearen aurka, Israelek, 1967an Zisjordania, Gaza eta Golan okupatu zituenetik, milaka etxebizitza eraiki ditu Palestinaren lurretan. 2012ko datuen arabera, 531.000 kolono bizi ziren Zisjordanian, eta egungo kopurua handiagoa dela uste da. Kokaleku horietako batzuk, gainera, legez kanpokoak dira Israelgo auzitegien arabera ere.
2021-1-12
https://www.berria.eus/albisteak/192132/ertzaintzak-indarkeria-zantzuak-topatu-ditu-getxon-aurkitutako-gorpuzkietan.htm
Gizartea
Ertzaintzak indarkeria zantzuak topatu ditu Getxon aurkitutako gorpuzkietan
Gorputz zatiei nahita moztutakoak izan ziren itxura hartu die Ertzaintzak, baina oraindik ez daukate hipotesi argi bat. Igandean hanka zati bat agertu zen Arrigunaga hondartzan, eta, atzo gorpuzki gehiago topatu zituztenez gero, inguruko hondartzetara zabaldu dituzte bilaketa lanak
Ertzaintzak indarkeria zantzuak topatu ditu Getxon aurkitutako gorpuzkietan. Gorputz zatiei nahita moztutakoak izan ziren itxura hartu die Ertzaintzak, baina oraindik ez daukate hipotesi argi bat. Igandean hanka zati bat agertu zen Arrigunaga hondartzan, eta, atzo gorpuzki gehiago topatu zituztenez gero, inguruko hondartzetara zabaldu dituzte bilaketa lanak
Getxoko (Bizkaia) Arrigunaga hondartzan topatutako gorpuzkiek indarkeria zantzuak izan ditzakete Segurtasun Sailekoek adierazi dutenez. Herritar batek eman zuen abisua igandean, 09:30 aldera: pertsona baten hanka zati bat topatu zuela Getxoko hondartzan. Aurkikuntzaren berri eman bezain laster, ingurua miatzeko operazioa jarri zuen martxan Ertzaintzak, Txakur Unitatea eta Zaintza eta Erreskate Unitateak mobilizatuz. Bilaketa lan horietan, gorpuzki gehiago topatu zituzten hondartza inguruetan atzo eguerdian. Horiek ikertzen hasia da Ertzaintza, eta gorputz zati horiei nahita moztutakoak izan diren itxura hartu die. Dena den, esan dutenez, oraindik goizegi da ondoriorik ateratzeko, eta ikerketa ildo denak zabalik dituzte. Laborategian egingo dituzten proben bidez, aurkitutako gorpu zatien nondik norakoak argitu nahi dituzte: adina, altuera, hil zenetik zenbat denbora igaro den... Era berean, DNA probak ere egingo dizkiete gorpuzkiei, desagertuta dauden pertsonen eta irekiak dituzten kasuen datu baseetako datuekin alderatzeko asmoz. Atzo bertan Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak azaldu zuenez, aurkitutako gorpuzkien jatorria ikertzeko hainbat hipotesi zituzten; besteak beste, desagertutako arrantzale bat izatea, edo Euskal Herritik urrun itsasora eroritako norbait izatea. Nahita eragindako hilketaren hipotesia ere mahai gainean daukate oraintxe, azken aurkikuntzak kontuan izanda. Horrez gain, Ertzaintza Arrigunaga hondartzako inguruak ikertzen dabil oraindik ere. Txakur Unitatearekin batera, hiru edukiontzi aztertzen ari dira; Arrigunagako hondartzan ez ezik, miaka dabiltza Ereagan eta Gorrondoatxan ere. Inguruko kostaldean ere hainbat urpekari eta ontzi ari dira bilaketa lanetan.
2021-1-12
https://www.berria.eus/albisteak/192145/kuba-laquoterrorismoa-babesten-duten-herrialdeenraquo-zerrendan-sartu-du-trumpek.htm
Mundua
Kuba «terrorismoa babesten duten herrialdeen» zerrendan sartu du Trumpek
Bruno Rodriguezek adierazi du Bidenek Habanarekin elkarrizketak hastea «oztopatu» nahi duela.
Kuba «terrorismoa babesten duten herrialdeen» zerrendan sartu du Trumpek. Bruno Rodriguezek adierazi du Bidenek Habanarekin elkarrizketak hastea «oztopatu» nahi duela.
Donald Trumpek zeresana eman nahi du AEBetako presidente karguan irauten duen bitartean. Haren aurkako impeachment prozesua hasi berri den honetan, eta Joe Bidenek karguari zin egiteko astebete falta dela, nazioarteko egoera politikoan eragingo duten hainbat erabaki hartzen ari da Etxe Zuria. Lehenik, hutiak talde terrorista izendatuko zituela adierazi zuen Mike Pompeo estatu idazkariak, eta, ondoren, Kuba «terrorismoa babesten duten estatuen» zerrendan berrezarriko dutela. Gaur egun, Kubarekin batera, Venezuelak, Iranek, Ipar Koreak eta Siriak osatzen dute AEBen zerrenda beltza. Kuba 1982an sartu zuten AEBek «terrorismoa babesten dute herrialdeen» zerrendan. Barack Obama presidente ohiaren agintaldian, ordea, AEBen eta Karibeko irlaren arteko harremanek hobera egin zuten, eta horrekin batera kendu zuten AEBek Kuba zerrenda beltzetik, 2015ean. Trumpek, Etxe Zurira iristearekin batera, eten egin zuen Obamak 2014an Habanarekin hasitako elkarrizketa prozesua. Bide horri jarraikiz, iazko maiatzean, AEBen terrorismoaren aurkako ahaleginekin «guztiz kooperatzen ez duten» herrialdeen zerrendan sartu zuen Karibeko herrialdea. Orain, Pompeoren iragarpenak beste atzerapauso bat eragingo du bi herrialdeen arteko harremanetan, Bidenek bi aldeko elkarrizketak hastea zailduz. «Ekinbide honekin, beste behin ere Kubako Gobernua egingo dugu arduradun, eta mezu garbi bat bidaliko dugu: Castrotarren erregimenak amaiera eman behar dio nazioarteko terrorismoa babesteari eta AEBetako justizia nahasteari». Hala arrazoitu du erabakia Pompeok, eta gaineratu Kubak «nazioarteko terroristen aterpe seguru» gisa funtzionatu duela. Adibide gisa jarri du ELN miliziako hamar gerrillari estraditatzeari uko egin izana. Kolonbiako Gobernuarekin hasitako elkarrizketa prozesuan parte hartzeko iritsi ziren kide horiek Kubara, baina Bogotak haien estradizioa eskatu zuen negoziazioak eten ostean, Bogotako Polizia akademiari eraso egitea egotzita. Kubak, ordea, elkarrizketen bermerako herrialde gisa, adierazi du estradizioak nazioarteko protokoloen haustura eragingo lukeela. Horregatik, besteak beste, «nazioarteko terrorismoa babesteari uzteko konpromisoa» haustea egotzi dio Pompeok. Horrez gain, FARCeko disidenteak eta AEBetako hainbat iheslari babesteaz ere akusatu du. Era berean, Habanak Caracasekin dituen harremanak kritikatu ditu AEBetako estatu idazkariak, eta Hego Amerikan «maltzurki» jokatzeaz akusatu du Raul Castroren gobernua. Pompeoren esanetan, Habanak Nicolas Maduroren gobernuari lagundu dio «herriarekiko duen nagusitasuna» mantentzen. Zerrenda beltzean sartzeak merkataritza mugatzeko trabak eta zigor ekonomikoak ezartzea dakar. Kubarekin kasuan, baina, jada jasaten ditu halakoak, AEBek ezarritako blokeo komertzial eta finantzarioaren eraginez. Beraz, Pompeok azaldu duenez, hartu berri duten erabakiak Kubarekin harreman ekonomikoak dituzten pertsonen eta herrialdeen aurkakoak ere izango dira. Erabaki «hipokrita» Kubako Atzerri ministro Bruno Rodriguezek azaroaren amaieran adierazi zuen Trumpek halako erabaki bat har zezakeela, «Floridako Kubaren aurkako gutxiengoa» men eginez. Orduan, AEBak jo zituen «Kubaren aurka egiten duten talde terroristen gotorleku» gisa. Erabakiaren ostean, berriz, «hipokritatzat» jo du erabakia. Haren esanetan, ekimena Trumpen «oportunismo politikoaren» ondorio da. «Kuba ez da terrorismoaren babesle», berretsi du Rodriguezek, «bere forma guztietan arbuiatzen du». Hori bakarrik ez, Obamaren presidenteorde zena presidente bilakatzear dela, elkarrizketak berriz abiatzeari «oztopoak» jartzeaz akusatu du Washington, eta Habana hark babestutako «terrorismoaren biktima» dela nabarmendu. Izan ere, Rodriguezen esanetan, AEBek 3.478 lagun hil eta beste 2.099 zauritu dituzte Kuban.
2021-1-12
https://www.berria.eus/albisteak/192146/baldintzapean-aske-utziko-dute-antton-troitintildeo-euskal-presoa-eritasunagatik.htm
Politika
Baldintzapean aske utziko dute Antton Troitiño euskal presoa, eritasunagatik
Gaixotasun larri eta sendaezina dauka. 1987an atxilotu zuten, eta, geroztik, ia bizialdi osoa kartzelan egin du. Etxerat-en arabera, datozen orduetan aterako da Estremerako espetxetik.
Baldintzapean aske utziko dute Antton Troitiño euskal presoa, eritasunagatik. Gaixotasun larri eta sendaezina dauka. 1987an atxilotu zuten, eta, geroztik, ia bizialdi osoa kartzelan egin du. Etxerat-en arabera, datozen orduetan aterako da Estremerako espetxetik.
Espainiako Auzitegi Nazionaleko Jose Luis Castro epaileak ebatzi du Antton Troitiño euskal presoari hirugarren gradua ematea eta baldintzapean aske uztea. Gaixotasun larri eta sendaezina dauka, eta, espetxe araudiaren 104.4 artikulua aplikatuta, aske geratuko da, baldintzapean. Epailearen autoak dio Troitiñok «oso gaixotasun larri eta sendaezina» duela, «neurri aringarrien bidez baino» ezin dela tratatu, eta, beraz, «espetxean egoteak hori zaildu» egin dezakeela. Etxerat-ek jakinarazi du datozen orduetan aterako dela Estremerako espetxetik (Espainia). Datorren urtean beteko luke zigor osoa. Troitiño 1987an atxilotu zuten, eta 24 urte baino gehiago egin zituen kartzelan. 2011n atera zen. Baina handik egun gutxira atxilotu nahi izan zuten berriro, Parot doktrina aplikatuta. Londresen atxilotu zuten, 2012an —egunkariak banatzen lan egiten zuen han—. «Oker burokratiko batengatik» behar baino lehenago kaleratu zutela iritzita —Espainiako Auzitegi Nazionalaren kontaketa berriaren arabera, 2017ra arte behar zuen preso—, fiskaltzak galdegin zuen haren atxilotzea eta estradizioa. Hamabost hilabete geroago, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak indargabetu zuen Parot doktrina, eta estradizio eskaera atzera bota zuen Westminsterko Auzitegiak. Ondoren, akusazioko argudioak aldatu, eta ETAn berriro sartzea leporatu zion Espainiak Troitiñori. 2016ko abenduan atxilotu zuten berriro ere Londresen, eta paperik gabekoentzako atxilotze zentro batean egon zen, auzibide gorabeheratsu baten ostean, harik eta 2017ko maiatzean Espainiaratu zuten arte. Sei urteko zigorra jarri zion Espainiako Auzitegi Nazionalak 2018an. Etxeratek «besarkada handi bat» bidali nahi izan dio Troitiñoren familiari, eta laguntza eskaini dio «egoera zail honetan». Jakinarazi dutenez, Troitiño ez dago gaixotasun larriak dituzten hamazazpi euskal presoen zerrendan, baina Etxerat-ek hainbatetan salatu du Donostiako presoaren «egoeraren jatorria espetxean jasandako muturreko baldintzak eta euskal presoek jasaten dituzten zigor luzeak» direla. Larriki eri diren preso guztiak askatzeko eskatu du euskal presoen senideen elkarteak.
2021-1-12
https://www.berria.eus/albisteak/192147/bizkaiko-metaleko-enpresek-18-gutxiago-fakturatu-dute-2020an.htm
Ekonomia
Bizkaiko metaleko enpresek %18 gutxiago fakturatu dute 2020an
Pandemia hasi zenetik 1.739 lanpostu galdu dituzte, eta 2021ean beste 500 inguru galtzea espero dute.
Bizkaiko metaleko enpresek %18 gutxiago fakturatu dute 2020an. Pandemia hasi zenetik 1.739 lanpostu galdu dituzte, eta 2021ean beste 500 inguru galtzea espero dute.
«Bizkaiko metalaren sektoreak urtebete baino gehiago beharko du pandemiaren aurreko egoerara itzultzeko», hori da Tamara Yague FVEM Metalgintzako Enpresen Bizkaiko Federazioko presidentearen iragarpena. 2020. urtea oso txarra izan dela azaldu du, enpresek batez beste %18 gutxiago fakturatu dutelako, baina azken lau hilabeteetan joera txarra leundu izanak itxaropena piztu duela. Joera aldaketa hori, baina, oso motela da, eta uste du 2021ean beraien eremuan beste 500 lanpostu galduko direla. FVEMek biltzen ditu Euskal Herrian sektoreko langile gehien, eta kideen artean urtero egiten duten inkesta aurkeztu du. Datuen arabera, 2020an 1.739 enplegu galdu dira sektorean Bizkaian. Iazko urtarrilean, 53.621 langilek ziharduten Bizkaiko metalean; egun, aldiz 5.1837 ari dira, %3,3 gutxiago. Enpleguari dagokienez, FVEMeko enpresen %71ek ez dute uste langilerik kaleratuko dutenik hurrengo sei hilabeteetan; %14k, aldiz, ezinbestekotzat jotzen dute. Estatistikaren arabera, %15ek lantaldea handitzeko esperantza dute, baina, hala ere, balantza negatiboa izango da, elkartearen kalkuluen arabera 500 kaleratze gehiago egon baitaitezke 2021ean. Atzera begira jarrita, 2020a ez da hasiera batean espero bezain txarra izan. Elkarteak iragan ekainean eginiko inkestako datuak urte bukaerakoekin alderatu ditu, eta iritzi gehienek hobera egin dute. Esate baterako, ekainean enpresen %51ek esaten zuten merkatua atzeraldian sartuta zegoela; urte amaieran, aldiz, kopuru hori %37ra murriztu da. Halere, Yaguek garbi esan du: «urte oso gogorra izan da». FVEMen enpresen %75ek 2019an gutxiago fakturatu dute, eta beherakada hori, batez beste, %18 izan da. Azpisektoreka aztertzen hasita, fakturazioa gehien murriztu duten enpresak garraio sektorearentzako osagaiak egiten dituztenak dira: %25,2. Aurrera begira jarrita, 2021a ere urte gogorra izatea espero dute FVEMen barruan daudenek, eta, gehienen ustez, urtebete baino gehiago beharko da aurreko egoerara itzultzeko. Alde horretatik, gehienek bi aldagai nabarmendu dituzte prozesu hori bizkortu ahal izateko: txertoen zabalkundea, eta, haren eskutik, pandemiaren bilakaera etetea; eta Europako Next Generation funtsen eragina.
2021-1-12
https://www.berria.eus/albisteak/192148/positiboen-kopurua-milakotik-hurbil-da-hegoaldean.htm
Gizartea
Positiboen kopurua milakotik hurbil da Hegoaldean
Azaroaren 21etik aitzina erregistratu den positibo kopururik handiena zenbatu dute Hego Euskal Herrian: 979 COVID-19 kasu atzeman dituzte atzo egindako testetan. Bizkaikoak dira kasuen erdiak baino gehiago. 535 lagun daude Hegoaldeko ospitaleetan.
Positiboen kopurua milakotik hurbil da Hegoaldean. Azaroaren 21etik aitzina erregistratu den positibo kopururik handiena zenbatu dute Hego Euskal Herrian: 979 COVID-19 kasu atzeman dituzte atzo egindako testetan. Bizkaikoak dira kasuen erdiak baino gehiago. 535 lagun daude Hegoaldeko ospitaleetan.
Nabarmen goratu da kutsatuen kurba azken egunean. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, 979 kasu positibo atzeman dira atzo Hegoaldean egindako testetan, eta, beraz, kopurua 1.000 kasuen langatik hurbil da berriz ere. Hala eta guztiz ere, aintzat hartzekoa da COVID-19a atzemateko eginiko proba kopuruak izandako gorakada: atzo 14.000 proba baino gehiago egin zituzten Osasunbideak eta Osakidetzak, bezperan baino 2.000 gehiago. Atzo egindakoak oinarri, %6,9 da positiboen ehunekoa Hegoaldean. Kutsatuen datuak lurraldeka aztertuta, Bizkaian atzeman dute positibo gehien. Are, herrialde horretakoak dira atzo detektatutako kasuen erdiak baino gehiago: 492 izan dira. Hain zuzen ere, azken bi hilabeteetako daturik makurrena da Bizkaian. Hegoaldeko gainerako lurraldeei dagokienez, Gipuzkoan 219 positibo zenbatu dituzte, Nafarroan 162 izan dira, eta Araban, berriz, 92. Bestalde, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, 82 urteko gizonezko bat zendu zen atzo koronabirusaren sintomak zituelarik. Foru erkidegoko gobernuak ez bezala, Eusko Jaurlaritzak astean behin ematen du hildakoei buruzko informazioa; bihar emanen du haren berri. Ospitaleratuen kopurua, koska bat gorago oraindik ere Osakidetzak eta Osasunbideak emandako datuen arabera, 51 pertsona erietxeratu zituzten atzo COVID-19aren sintomak larriagotuta. Horiek aintzat harturik, guztira 535 lagun daude Hegoaldeko ospitaleetan. Hori horrela, Hegoaldeko osasun agintariek atzo emandako datua gaindituta, abenduaren 22tik erregistratu den daturik makurrena da berriz ere ospitaleetan. Zehazki, ospitaleratuetatik, 445 gela arruntetan daude, eta 90, berriz, ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan.
2021-1-12
https://www.berria.eus/albisteak/192149/abelardo-da-berriz-ere-alaveseko-entrenatzailea.htm
Kirola
Abelardo da berriz ere Alaveseko entrenatzailea
Bigarrenez hartuko du taldearen ardura, 2017ko abendutik 2019ko maiatzera ere aritu zelako lan horretan. Denboraldia amaitu arte sinatu du kontratua. Horrenbestez, Alavesek badu goizean kaleratu duen Pablo Machinen ordezkoa.
Abelardo da berriz ere Alaveseko entrenatzailea. Bigarrenez hartuko du taldearen ardura, 2017ko abendutik 2019ko maiatzera ere aritu zelako lan horretan. Denboraldia amaitu arte sinatu du kontratua. Horrenbestez, Alavesek badu goizean kaleratu duen Pablo Machinen ordezkoa.
Alavesek beste entrenatzaile bat izango du gaurtik aurrera, eta Abelardo Fernandez da hori. Ezagun zaharra. Bigarrenez ariko delako lan horretan. 2017ko abenduan hartu zuen ardura aurrenekoz, eta 2019ko maiatzera arte egon zen. Denera, 69 partida zuzendu zituen, eta 28 garaipen eta 14 berdinketa lortu; 27 partida galdu zituen Alavesek haren ardurapean. Bi denboraldi horietan, Lehen Mailan jarraitzeko helburua lortu zuen taldeak. Oraingo honetan, sasoi hau amaitu arteko kontratua sinatu du. Alaveseko lehendabiziko esperientzia haren ondotik, Espanyolen aulkian eseri zen aurreko denboraldian, 2019ko abendutik. Hain justu, Pablo Machin ordezkatu zuen, orain Alavesen bezala. Ez zuen asko iraun, sei hilabete baino ez baitzen egon. Azkenean, Kataluniako taldeak egoera txarra iraultzea lortu ez, eta maila galdu zuen, Rufete entrenatzaile zela. Pablo Machinenak goizean egin ditu Alavesek. Klubak ohar bidez jakinarazi du albistea, eta, bitxia bada ere, ez du erabilti bota edo bidali aditza. Honela dio: «Pablo Machinek utzi egin dio Alaveseko entrenatzaile izateari. Gaurtik utzi egin dio Alavesekin lotuta egoteari. Alavesek eta Machinek beren bideak banatu egin dituzte. Klubak eta entrenatzaileak bukatutzat eman dute abuztutik lotzen zituen hitzarmena». Ligako sailkapenean, hamaseigarren taldea da Alaves, 18 punturekin, eta bi puntura dauka jaitsiera. Espainiako Kopan, hirugarren kanporaketa jokatuko du datorren larunbatean Almerian. Lau partida irabazi ditu ligan, sei berdindu eta zortzi galdu. Hamasei gol dauzka alde, eta 23 kontra. Azkeneko partidetan, behin baino gehiagotan tokatu izan zaio jokalari bat gutxiagorekin jokatzea, epaileek Alaveseko jokalariren bat kaleratzeagatik. Alavesen helburua mailari eustea baldin bada, Machin hori betetzen ari zen. Emaitzak bakarrik hartuta, beste alderdi bat ere egon da, ordea, haren jardunaren barruan: adibidez, Osasunaren aurka Sadarren gertatu zitzaiona taldeari. Jokalari bat gehiagorekin aritu, eta berdinketa baino ez lortzea; galtzen joan eta gero, gainera. Emaitzez harago, talde landua edo lantzen ari delako itxura eman du Machinenak. Ikusten zen entrenatzailearen eskua. Gustukoa du espainiarrak bosteko atzelari lerroa erabiltzea, eta horrela hasi zen. Baina ikusita ez zeuzkala jokalari egokiak horretarako, batez ere hegaleko atzelarietan, lauko lerroa lantzen hasi zen. Erasoan, agerikoa izan da Joselu eta Lucas Perezen lanarekiko mendekotasuna, eta hala behar du izan, bi aurrelari horiek direlako kalitate teknikorik handiena duten jokalariak. Azkenaldian, gainera, erasoko jokoan, baloia zelaira jaitsiz lehen baino aiseago zebilen taldea. Bazela lan bat, azken batean. Orain, lan hori errotik moztu du zuzendaritzak. Ez da kontu zaharra Alavesen azkenaldian. Izan ere, Josean Kerejetak eta haren taldeak klubaren ardura hartu zuenetik 2011ko udan, hamahiru entrenatzaile izan ditu: Luis de la Fuente, Juan Carlos Granero, Natxo Gonzalez, Juan Carlos Mandia, Alberto Lopez, Jose Bordalas, Mauricio Pellegrino, Luis Zubeldia, Gianni de Biasi, Abelardo, Asier Garitano, Juan Ramon Lopez Muñiz eta Machin. Hamalaugarrena Abelardo da, lehen egondakoa bada ere.
2021-1-19
https://www.berria.eus/albisteak/192150/zer-egin-daiteke-araban-bizkaian-eta-gipuzkoan.htm
Gizartea
Zer egin daiteke Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan?
Eusko Jaurlaritzak iragarritako neurri berriak gaur sartu dira indarrean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Eusko Jaurlaritzak ere ohiko zalantzen inguruko argibideak eman berri ditu, eta, horiek kontuan izanda, gida bat prestatu du BERRIAk.
Zer egin daiteke Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan?. Eusko Jaurlaritzak iragarritako neurri berriak gaur sartu dira indarrean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Eusko Jaurlaritzak ere ohiko zalantzen inguruko argibideak eman berri ditu, eta, horiek kontuan izanda, gida bat prestatu du BERRIAk.
Atzo argitaratu zen dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, eta gaurtik aurrera, neurri berriak indarrean dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Labiren aholku batzordeak hala erabakita. Abendutik indarrean zeuden neurri batzuk gogortzea erabaki du —bereziki joan-etorriekin zerikusia dutenak—, eta beste batzuk bere horretan utzi ditu —ostalaritzari eragiten dioten neurriak eta etxeratze agindua, besteak beste—. Hala ere, hainbat neurri malgutzearen alde ere egin du Labik, eta orain arte debekatuta zeuden zenbait jarduera baimendu ditu: besteak beste, eskola kirola abiatzeari oniritzia eman dio, eta joko eta apustu etxeak irekitzea baimendu du. Hona hemen gaurtik aurrera indarrean egongo diren neurrien inguruko gida txiki bat: Beste probintzia batera joan ahal da? Ez. Gutxienez otsailaren 1a arte, ezingo da norbera bizi den lurraldetik atera, eta ezin izango da beste probintzia batera joan: arabarrak Araban soilik mugitu ahal izango dira, bizkaitarrak Bizkaian zehar, eta gipuzkoarrak, Gipuzkoan. Probintziatik atera ahal izango da, bakarrik ondorengo kasuetan eta behar bezala justifikatuta badago: osasun arrazoiengatik, lan egiteko, ikasteko, menpekotasun bat duten pertsonak, edota haurrak eta adinduak zaintzeko, eta jarduera profesionalak egin ahal izateko. Justifikatu egin behar al dira irteera horiek? Bai. Jaurlaritzaren dekretuan bertan eta gaur kaleratu duen ohiko galdera-erantzunen dokumentuan erantzukizunpeko adierazpenaren eredu bat eskaintzen da, eta eredu hori erabil daiteke lekualdaketaren arrazoia egiaztatzeko, beste modu batetik justifikatu ezin bada. Udalerritik atera ahal izango da? Bai, salbuespen batekin: azken hamalau eguneko intzidentzia tasa 100.000 biztanleko 500 positibotik gora duten herrietan, debekatuta egongo da haietatik irtetea, baita alboko herrietara joateko ere. Udalerritik atera ahalko da, soilik ezinbesteko jarduerak egiteko bada, hau da, osasun arrazoiengatik, lan egiteko, ikasteko, menpekotasun bat duten pertsonak, edota haurrak eta adinduak zaintzeko, eta jarduera profesionalak egin ahal izateko. 5.000 biztanletik beherako udalerrietan, zer? Azken hamalau egunetan 100.000 biztanleko intzidentzia tasa 500 positibotik gora duten 5.000 biztanletik beherako herrien kasuetan, Jaurlaritzak tokian tokiko egoera aztertuta erabakiko du horiek itxi ala ez. Noiz jakingo da zein udalerri itxiko dituzten? Astero, astelehenetan eta ostegunetan eguneratuko da itxita egongo diren udalerrien zerrenda Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren webgunean. Argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera egongo da indarrean udalerri horien itxiera. Beste probintzia batean dauden udalerri mugakideetara joan daiteke? Bai. Dekretuak jasotzen du udalerri mugakideetarako joan-etorriak baimenduta egongo direla, nahiz eta udalerri horiek beste lurralde historiko batean egon. Hori bai, ezingo da Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik kanpo dagoen udalerri mugakide batera sartu, Euskal Autonomia Erkidegotik irtetea debekatuta baitago. Salbuetsita egongo dira mugakide diren udalerrien arteko joan-etorriak baldin eta azken hamalau egunetako intzidentzia metatua 500 kasutik gorakoa bada udalerri horietan. Joan ahal da beste udalerri batera erosketak egitera bizi garen udalerria gune gorrian badago? Ez. Ez dago baimenduta 100.000 biztanleko 500 edo gehiagoko intzidentzia tasa metatua duten udalerrietatik irtetea edo sartzea, funtsezko erosketa eta zerbitzuetarako ez bada. Irten ahal da EAEtik arrazoi justifikatuengatik? Bai, baimenduta daude behar bezala justifikatutako lekualdaketak, baldin eta urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 6.1 artikuluan aurreikusitako salbuespenetako batengatik gertatzen badira. Baimenduta al dago senideak bisitatzeko beste udalerri batera joatea? Soilik bizilekua dugun probintzia barruan baldin badago; bestela, ez. Joan al daiteke beste lurralde historiko batera pertsona bat aireportura, geltokietara eta abarretara jasotzera edo eramatera? Bai. Eraman al daitezke seme-alabak beren kirol jarduera egitera, baldin eta 100.000 biztanleko 500 edo gehiagoko intzidentzia tasa metatua duen udalerri batean badago? Ez. 100.000 biztanleko 500 edo gehiagoko intzidentzia tasa metatua duten udalerriak itxita egongo dira, eta ezin izango da inor sartu edo atera udalerriaren mugatik, justifikatutako kasuetan izan ezik. Gainera, herri horietan, taldekako kirola bertan behera geratuko da. Dibortziatuen kasua: dibortzio epaiak astean bitan seme-alabekin egoteko aukera ematen du, baina seme-alabak beste herri batean bizi dira. Bisita hauek egitera joan ahal da? Baimenduta daude seme-alabak zaintzeko joan-etorriak dibortzio epai bat tartean dagoenean. Animalia batzuk zaindu eta elikatzeko, beste probintzia bateko udalerri batera mugitu ahal da? Nola justifikatu daiteke? Animaliak artatzeko joan-etorriak baimenduta daude. Animalien jabetza egiaztatzen duen edozein agiriren bidez justifika daiteke, edo, bestela, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, arreta zein helbidetan emango zaien zehaztuta. Nola justifikatuko litzateke agintaritza baten aurrean beste probintzia batera joan-etorri baten motiboa adinekoen edo adingabeen zaintza dela? Pertsona arduradunak emandako egiaztagiriaren bidez; horretarako, familia lotura frogatu beharko da, eta zainduko den pertsonaren identifikazio datuak eman beharko dira. Era berean, zaintzailearen erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiazta daiteke, artatuko den pertsonaren helbidea eta telefonoa zehaztuta. Joan ahal da beste udalerri bateko tabernara, bizi garen udalerriak 100.000 biztanleko 500 edo gehiagoko intzidentzia tasa metatua badu? Ez. 100.000 biztanleko 500 edo gehiagoko intzidentzia tasa metatua duten udalerrietan, mugatua dago udalerriaren mugetatik atera edo bertara sartzea. Murgian bizi gara, eta ohiko ile apaindegia Gasteizen dugu. Joan gaitezke haraino? Bai. Bizilekuaren probintzia barruan mugitzea baimenduta dago. Artziniegakoa naiz, eta Bilbora joan ohi naiz erosketak eta bestelako jarduera sozioekonomikoak egitera. Egin dezaket hori, beste lurralde historiko bat bada ere? Ez, bizitokia dugun probintzia barruan bakarrik mugitu ahal da; kasu honetan, Araban. Joan ahal da Arabatik, Gipuzkoatik eta Bizkaitik kanpo dagoen bigarren etxebizitzara? Ez. 926/2020 Errege Dekretuan autonomia erkidegoen arteko mugimendua mugatzeko aurreikusitako salbuespenen batean salbu. Joan ahal da Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan dagoen bigarren etxebizitza batera? Bizi garen probintzia berean baldi badago bakarrik. Baimenduta al dago adinekoen egoitzetara joatea? Bai, betiere zentroak berak baimendutako bisitak badira. Baimenduta al dago espetxeetara joatea? Bai, baina, horretarako, Espetxeetako Agintaritzak emandako baimen egokia beharko da. Nola arautzen dira enklabeak diren udalerriei dagozkien gaiak? Enklabeak diren udalerriek inguratzen dituen probintziaren berezko tratamendua jasotzen dute (Trebiñu, Villaverde,...). Etxe bat daukat alokatuta beste autonomia erkidego batean eta giltzak batzera joan behar dut, errentariak etxea utziko baitu. Irten naiteke erkidegotik? Jarduera hori atzeratzerik ez badago, ezinbesteko kasutzat jo daiteke. Nola justifikatzen da joan-etorrien arrazoia? Beste frogabiderik ez dagoenean, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu ahal izango da. Adierazpen hori sinatutako dokumentu bat da, eta adierazten du dekretuan ezarritako baldintzak betetzen dituela, mugikortasun mugaren salbuespenak justifikatzeko. Zer gertatzen da dagoeneko bidaiatzeko hegazkin-txartela erosita badago? Baliogabetu egin behar da? Bidaiaren arrazoiaren arabera: bidaiaren arrazoia aisialdia bada, ezin da bidaiatu. Alarma egoera deklaratzen duen urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 6.1 artikuluan jasotako salbuespenetako batengatik bada, hegaldiari eutsi ahal izango zaio, betiere behar bezala justifikatzen bada. Noiz arte egongo dira indarrean neurriak? Gutxienez hogei egunez iraungo dute; hau da, otsailaren 1era arte. Ostalaritza irekita egongo da aurrerantzean ere? Bai, ostalaritza irekita egongo da, gaur egun indarrean dituen muga berberek baldintzaturik. Hau da, 20:00etatik 06:00etara itxita egon beharko dute. Eremu gorrian dauden herrietan, ordea, ostalaritza itxita egongo da, orain arte bezala. Jaso eta banatu al daitezke janari eskaerak ostalaritza establezimenduetan? Bai. Eskaerak 21:00ak arte entregatu ahal izango dira, establezimenduan bertan ordua eskatuta, eta, edonola ere, itxita egon beharko da jendaurreko beste edozein zerbitzutarako. Etxez etxeko banaketa 22:00ak arte egin ahal izango da. 100.000 biztanleko 500 kasu edo gehiagoko intzidentzia tasa metatua duten udalerrietan ere bai? Bai. Barran kontsumitu ahal izango da? Ez, debekatuta egongo da aurrerantzean ere, eta, taberna barruan, soilik eserita kontsumitu ahal izango da. Terrazak osorik bete ahalko dira, baina taberna barruak %50 bakarrik. Ikus al daiteke taldean futbol partida bat taberna baten barruan? Ez. Baimenduta al dago ostalaritza establezimenduetan jolas, joko edo apustu makinak erabiltzea? Establezimendu horietan ezin da jolas, joko edo apustu makinarik erabili. Saltokietako edukiera mugatuko dute? Bai, jende pilaketak eragozteko. Saltokietako gehienezko edukiera %40ra murriztuko da 150 metro koadro baino gehiago duten saltokien kasuan, eta gainerako establezimenduetan, berriz, %60ra murriztuko da. Merkataritza guneen kasuetan, solairu eta denda bakoitzeko gehienezko edukiera %40koa izango da. Merkataritza guneetan dauden haurrentzako guneak eta atseden guneak itxita egon beharko dira. Zein ordura arte egongo dira saltokiak irekita? Orain arte bezala, 21:00etarako itxita egon beharko dute. Joko eta apustu etxeek ireki ahal izango dute? Bai. Berriro ireki ahal izango dira joko eta apustu etxeak, ostalaritzari ezartzen zaizkion baldintza berberak beteta. Zer baldintzaren pean irekiko dira berriro joko eta apustu etxeak? Joko eta apustu jarduerak banaka egin beharko dira, eta pertsonek eserita egon beharko dute. Gehienez sei laguneko taldeak izango dira. Jokalarien artean, 1,5 metroko distantzia gorde beharko da. Joko posizio bateko parte hartzaileen aldaketa bakoitzean bermatu beharko da erabilitako espazioa garbitu egiten dela eta ez dela objekturik trukatzen. Txokoak, elkarte gastronomikoak, lonjak eta antzekoak ireki al daitezke? Ez. Txokoak, elkarte gastronomikoak, lonjak eta antzekoak itxita egongo dira. Eskola kirola martxan jarriko dute? Bai, baimenduta egongo da eskola kirola egitea, baina soilik entrenamenduetarako. Hiru baldintza bete beharko dira: gehienez sei laguneko taldeetan egin ahalko dira entrenamenduak, taldeko kideek beti berberak izan beharko dute, eta ezin izango da aldagelarik erabili. Eremu gorriko herrietan eskola kirola abiatu ahal izango da? Ez. 100.000 biztanleko intzidentzia metatua 500 kasutik gora duten herrietan, eskola kirola bertan behera geratuko da. Taldean kirola egin ahal da? Hamalau eguneko intzidentzia tasa metatua 100.000 biztanleko 500 baino gutxiagokoa duten udalerrietan, federatu gabeko kirol jarduera fisikoa bakarka edo taldeka egin ahal izango da, aire zabalean, kontaktu fisikorik gabe, eta aldi berean sei laguneko taldeetan gehienez ere. COVID-19aren kasu positiboen azken hamalau egunetako intzidentzia tasa metatua 100.000 biztanleko 500 edo gehiagokoa duten udalerrietan, bertan behera geratuko da taldeko kirol jarduera oro, bai entrenamenduan, bai lehiaketan. Salbuetsita daude, eta, beraz, egin ahal izango dira lehiaketa profesionalean edo erdi profesionalean murgilduta dauden taldeen entrenamenduak eta kirol lehiaketak, gimnasioetan, kirol klubetan edo kiroldegietan programatutako ikastaroak edo jarduerak, eta jarduera fisikoa eta kirol jarduera, aire zabalean eta gehienez sei laguneko taldeetan. Irten al daiteke korrika egitera edo bizikletan taldean ibiltzera? Federatu gabeko kirol jarduera fisikoa bakarka edo taldeka egin ahal izango da aire zabalean, kontaktu fisikorik gabe, eta aldi berean 6 laguneko taldeetan, gehienez ere. Kendu al daiteke maskara, bakarka, hiri inguruetan kirola egiten dudan bitartean? Kirol jarduera orotan, nahitaez erabili beharko da maskara. Hauek dira salbuespenak: eremu naturaletan, hirigune periferikoetan (oinezkorik gabe), igerilekuetan, jarduera fisiko handiko aparteko uneetan, eta lehiaketetan. Kirol ikuskizunetan publikoa baimenduta dago? Ez, debekatuta dago publikoa. Kirolari federatu bat lehiatu daiteke? COVID-19aren kasu positiboen azken hamalau egunetako intzidentzia tasa metatua 100.000 biztanleko 500 baino gutxiagokoa duten udalerrietan, lehiaketa profesionalean eta federatuan murgilduta dauden taldeen entrenamenduak eta kirol lehiaketak egin ahal izango dira. COVID-19aren kasu positiboen azken 14 egunetako intzidentzia tasa metatua 100.000 biztanleko 500 edo gehiagokoa duten udalerrietan, bertan behera geratuko da taldeko kirol jarduera oro, bai entrenamenduan, bai lehiaketan. Salbuetsita daude, eta, beraz, egin ahal izango dira lehiaketa profesionalean edo erdi profesionalean murgilduta dauden taldeen entrenamenduak eta kirol lehiaketak. Baimenduta al dago ehiza jarduera bere modalitate guztietan, bai eta ibaiko eta itsasoko arrantza, kirol arrantza eta jolas arrantza ere, modalitate guztietan? Bai, bizitokia dugun probintziako udalerri guztietan. Praktika hori beste probintzia batetik igarotzen den udalerri mugakidean ere egin daiteke. Kontzertu batera joan ahal izango da? Bai, baina soilik musikari profesionalen emanaldietara. Musika eta ahots-entsegu ez-profesionalak debekatuta egongo dira oraindik ere. Dantza taldeek entseguak egin ahal dituzte? Bai, eta baita dantza talde ez-profesionalek ere. Antzerki jardueretarako indarrean dauden baldintza berberetan egin ahal izango dituzte entseguak. Joan al da bizitokia dugun udalerritik kanpo egiten den hileta, hil beila edo ehorzketa batera? Eta Arabatik, Gipuzkoatik eta Bizkaitik kanpora? Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren hileta, beila edo ehorzketetara joan daiteke. Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo egiten direnetara bigarren mailara arteko senideak joan ahal izango dira. Nolanahi ere, atal honetan ezarritako neurriak bete behar dira: hil beiletan, 30 pertsona batu ahalko dira, gehienez, aire zabaleko espazioetan, eta sei espazio itxietan. Bertaratzen den pertsona kopurua txikiagoa izanez gero, ezingo da baimendutako edukieraren %50 gainditu. Hildakoaren ehorzketan edo haren errausketarako agurrean, 30 pertsona egon ahalko dira, gehienez, betiere espazio irekian egiten bada. Espazio itxian eginez gero, gehienez hamar pertsona batu ahalko dira, eta, nolanahi ere, pertsonen arteko distantzia gorde beharko da. Kasu guztietan erabili beharko da maskara. Gaueko zer ordutara arte egongo da garraio publikoa? Azken irteera 23:00etan izango da. Jan edo edan ahal da garraio publikoan? Bidaiaren denbora bi ordutik beherakoa bada, ezin da jan, baina bai edan. Badago okupazio mugarik garraio publikoan? Ez, garraio publiko eta pribatuetan ibilgailuak duen plaza adina pertsona joan ahalko da, betiere maskara jantzita. Zer gertatzen da kultur ekitaldi batera joan eta 22:00ak baino beranduago amaitzen bada? Jarduera edo ekitaldi kultural edo sozialik ezingo da 21:00ak baino beranduago amaitu. Ordubete izango da (22:00ak arte) etxera itzultzeko. Etxeratze agindua zein ordutan da? Orain arte bezala: 22:00etatik 06:00etara. Zenbat pertsona elkartu ahal dira? Gehienez sei pertsona bildu ahalko dira, orain arte bezala. Sei lagun baino gehiago ezin izango dira bildu, ez espazio publikoetan ez pribatuetan, eta neurri horrek berdin balio du espazio itxietarako zein kalerako.
2021-1-12
https://www.berria.eus/albisteak/192151/trump-politikaren-historiako-sorgin-ehizarik-handienaren-segida-da.htm
Mundua
Trump: "Politikaren historiako sorgin ehizarik handienaren segida da"
Trumpen jarraitzaileek hainbat protestatara deitu dute Bidenek presidente kargua hartzeko egingo den ekitaldirako, urtarrilaren 20rako. FBIk ohartarazi du milizia armatuak irten daitezkeela kalera.
Trump: "Politikaren historiako sorgin ehizarik handienaren segida da". Trumpen jarraitzaileek hainbat protestatara deitu dute Bidenek presidente kargua hartzeko egingo den ekitaldirako, urtarrilaren 20rako. FBIk ohartarazi du milizia armatuak irten daitezkeela kalera.
Demokratek bera kargutik kentzeko prozesua hasiz geroztik, lehen aldiz hitz egin du AEBetako presidente Donald Trumpek, eta ukatu egin du Kapitolioaren aurkako istiluak hasi aurreko hitzaldiak inor asaldatu zuela. «Jendeak uste du esan nuena egokia izan zela», esan du estatuburu errepublikanoak, eta salatu «benetako arazoa» udan George Floyd hil ostean piztutako protestak izan zirela. Dimisioa emango duen galdetuta, berriz, ohartarazi du ez lituzkeela istiluak piztu nahi. «Politikaren historiako sorgin ehizarik handienaren jarraipena da hau. Izugarrizko haserrea eragiten ari da», kritikatu du estatuburuak Mexikoko mugan egindako agerraldian. Zabalduz doa datorren asteazkenean gerta daitekeenaren inguruko kezka eta beldurra. Azken orduetan FBIak ohartarazi du Donald Trump presidentearen aldeko jarraitzaileen protestak espero dituztela, eta tartean milizia armatuak ere irten daitezkeela kalera Washingtonen eta beste hainbat hiri handitan. Orotara 50 hiritan deitu dituzte protestak. Horiek hala, larrialdi egoera ezarri du estatuburuak hiriburuan. Neurriak esku hartu ahal izatea ahalbidetuko lioke Segurtasun Nazionalerako Agentziari, hala behar izanez gero. Larrialdi egoera urtarrilaren 24ra arte egongo da indarrean. Bestalde, joan den asteazkenean Kapitolioan gertatutakoaren ostean, ikerketak zabalik jarraitzen du. Iturri ofizialek jakinarazi dutenez, bi polizia ikerketapean jarri dituzte erasoan izandako jarrera dela medio. Haietako batek selfie-ak atera zituen istiluetan parte hartu zuten hainbat lagunekin eta bestea MAGA Make America Great Again —Egin Amerika Handi Berriz— leloa zuen txano batekin ageri da irudietan. Trumpen jarraitzaileak Kapitoliora indarrez sartu ziren joan den asteazkenean, eta istiluetan gutxienez bost pertsona hil ziren, tartean buruzagi errepublikanoaren jarraitzaile bat eta polizia bat. Estatuburuak, ordea, mugimendu antifaxistari egotzi dio oldarraldia, eta hala adierazi du Ordezkarien Ganberako errepublikanoen buru Kevin McCarthyri egindako telefono dei batean —Axios atariak zabaldu du informazioa—. Haren arabera, McCarthyk ukatu egin du halakorik, eta MAGAkoak izan direla berretsi du. Bide batez, Joe Biden presidente hautatuarekin harremanetan jarri, eta presidente kargua hartuko duelako ongietorria emateko eskatu dio Trumpi. Izan ere, AEBetan ohikoa da legealdia amaitzear duen buruzagiak Etxe Zurira gonbidatzea presidente berria eta hari ongietorriko harrera egitea, Trumpek, ordea, orain gutxi arte bozen emaitzan onartu ez dituenez, uko egin dio halakorik egiteari, eta iragarri du ez dela izango urtarrilaren 20ko ekitaldian ere. Bozketa Ordezkarien Ganberan Gaur arratsaldean eztabaidatu eta bozkatu beharko lukete Kongresuko behe ganberan Konstituzioko 25. zuzenketa baliatzeko eskaria. Prozedura Mike Pence presidenteordeak jarri beharko luke abian, argudiatuta Trumpek «osasun arazoak» dituela eta ez dela gai karguan jarraitzeko. Demokratek eskaria atzo egin nahi zuten aho batez, eztabaida eta bozketa saihestuz, baina errepublikanoek oztopatu egin zuten ahalegina, eta gaur bozkatuko dute. Haien helburua da 24 orduko epea ematea Penceri estatuburua kargutik kentzeko, eta halakorik ez egitea erabakiko balu, epaiketa politikoarekin aurrera jarraitzea. Impeachment-erako prozedura atzo jarri zuten abian, Trumpen aurkako salaketa aurkeztuz.
2021-1-12
https://www.berria.eus/albisteak/192152/langile-bat-hil-da-goi-tentsioko-linea-batean.htm
Ekonomia
Langile bat hil da goi tentsioko linea batean
Bilboko Basurtu-Kaxtresana inguruan izan da ezbeharra. Gertatutakoa ikertzen ari da Osalan.
Langile bat hil da goi tentsioko linea batean. Bilboko Basurtu-Kaxtresana inguruan izan da ezbeharra. Gertatutakoa ikertzen ari da Osalan.
Goi tentsioko dorre batean lanean ari zen behargin bat hil da gaur goizean Bilbon, Basurtu-Kaxtresana inguruan. Ezbeharra 10:10ean jazo da. Osalanek eta Ertzaintzak azaldu dutenez, dorre batera ez igotzeko materiala jartzen ari zen langile talde bat. Argitu ez dituzten arrazoiak direla eta, langileetako bat dorrearen egituratik erori da, baina ez dorrearen oinera, baizik eta haren azpian zegoen lubeta batera, zegoen lekutik hiru metro eta erdi behera. Lurra jotzean jasotako kolpearen ondorioz hil da. Beste langilerik ez da erori. Langileak 36 urte zituen, argiketaria zen, eta lau urte zeramatzan Sistem Melesur Energia konpainiarentzat lanean. Aurten lanean ari zela hildako lehen behargina da Bilbon zendutakoa. Iaz, sindikatuen arabera, Euskal Herrian 68 langile hil ziren beharrean ari zirela, eta beste langile batek, Joaquin Beltranek, desagertuta jarraitzen du Zaldibarko zabortegiko hondakinetan. Horiei gehitu behar zaizkie, LAB sindikatuaren zerrendaren arabera, Euskal Herritik kanpo lanean ari zirela hildako beste hiru euskal behargin.
2021-1-12
https://www.berria.eus/albisteak/192153/gizonezko-bat-atxilotu-dute-zarautzen-bikotekideari-eraso-egitea-egotzita.htm
Gizartea
Gizonezko bat atxilotu dute Zarautzen, bikotekideari eraso egitea egotzita
Emakumezkok adierazi du urteak zeramatzala tratu txarrak jasaten
Gizonezko bat atxilotu dute Zarautzen, bikotekideari eraso egitea egotzita. Emakumezkok adierazi du urteak zeramatzala tratu txarrak jasaten
Ertzaintzak 48 urteko gizonezko bat atxilotu zuen, herenegun, Zarautzen (Gipuzkoa), bikotekideari eraso egitea egotzita. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren oharraren arabera, biktimak adierazi du urteak zeramatzala tratu txarrak jasaten. Drogarekin trafikatzea ere leporatzen diote atxilotuari, 410 gramo haxix eta 373 gramo marihuana topatu zituztelako haren etxean. Ertzaintzak epailearen esku utzi zuen, atzo. Igande gauean gertatu zen atxiloketa. Udaltzaingoak jakinarazi zion Ertzaintzari etxebizitza batean eraso bat gertatu zela, eta hainbat patruilak etxebizitzara jo zuten. Gizonezkoak atea ireki zuen, eta agenteek emakumezko bat ikusi zuten barruan, zeinak kolpeak zituen aurpegian. Hark azaldu zien ertzainei gizonezkoak jo zuela, eta agenteek erasotzailea atxilotu zuten.
2021-1-12
https://www.berria.eus/albisteak/192154/eajk-xabier-barandiaran-jarri-du-azterketa-eta-berrikuntza-arduradun.htm
Politika
EAJk Xabier Barandiaran jarri du Azterketa eta Berrikuntza arduradun
Euzkadi Buru Batzarreko karguen ardura banaketak jakinarazi ditu EAJk.
EAJk Xabier Barandiaran jarri du Azterketa eta Berrikuntza arduradun. Euzkadi Buru Batzarreko karguen ardura banaketak jakinarazi ditu EAJk.
EAJko Euzkadi Buru Batzarra atzo elkartu zen Sabin Etxean, eta hantxe erabaki zuen nola banatuko dituen ardurak aukeratu berri duen zuzendaritzako kideen artean. Aldaketetako bat da Xabier Barandiaran Azterlan, Azterketa eta Prospekzio Sozial, Berrikuntza Politiko eta 2030 Agendarako arduraduna izango dela. EBBko kide berrietako bat da Barandiaran: Ataunen jaioa da, 1969an, eta Soziologiako eta Politika Zientzietako doktore eta unibertsitate irakaslea. Zuzendaritzaren postu nagusietan ez dago aldaketarik: Andoni Ortuzar izango da aurrerantzean ere EAJko presidente, eta Koldo Mediavillak segituko du arlo instituzionaleko arduradun karguan. Ortuzarren beste gertukoetako batek, Joseba Aurrekoetxeak, antolakuntzari, ogasunari, ekonomiari eta ondareari lotutako ardurak izango ditu. Aurrekoetxea (Portugalete, Bizkaia, 1960) Zuzenbidean lizentziaduna da, Gizarte Politikan eta Gizarte Zerbitzuetan aditua, eta EAJko kidea 1976tik. Beraz, horrela egituratuko da EBB: Presidentetza: Andoni Ortuzar. Abanton (Bizkaia) jaio zen, 1962an. Kazetaria da, horretan aritu da urte askoan, eta EBBko presidentea da 2013tik. Idazkaritza: Mireia Zarate (Zamudio, Bizkaia, 1986). EBBko idazkari izandakoa. Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza ikasitakoa, Sabino Arana fundazioaren presidentea da. Antolakuntza, Ogasuna, Ekonomia eta Ondarea: Joseba Aurrekoetxea. Instituzionala: Koldo Mediavilla. Gizarte Politikak, Enplegua eta Berdintasuna: Nerea Melgosa. 1970ean jaioa. Soziologiako lizentziaduna da eta Berdintasunaren eta Giza Eskubideen zuzendaria da Arabako Foru Aldundian. Berria da EBBn. Lurraldearen Antolakuntza, Garraioa eta Garapen Jasangarria: Maria Eugenia Arrizabalaga (Zumaia, Gipuzkoa, 1967) Zuzenbideko lizentziaduna, Zumaiako alkate izandakoa eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako kidea. Azterlanak, Azterketa eta Prospekzio Soziala, Berrikuntza Politikoa eta 2030 Agenda: Xabier Barandiaran. Hezkuntza, Kultura, Euskara eta Kirola: Ana Esther Furundarena. Zornotzan (Bizkaia) jaio zen, 1966an. Irakaskuntzan lizentziaduna eta Bizkaiko Batzar Nagusietako kidea da. Kanpo Harremanak eta Nazioarteko Sustapena: Mikel Burzako. 1969an jaioa. Enpresa Zientzietan lizentziaduna da, Eusko Jaurlaritzako Koordinazio Zuzendari ohia, eta EAJren arduraduna kanpo harremanetan. Lehen Sektorea: Jose Antonio Suso. Arraia-Maeztun (Araba) jaio zen, 1961ean. ABB Araba Buru Batzarreko presidentea da 2016. urtetik. Kimikan lizentziaduna da. Horiez gain, honako hauek osatzen dute EBB: Itxaso Atutxa: Bilbon jaio zen, 1967an. Ikus-entzunezkoen alorrean aritua da, eta BBB Bizkai Buru Batzarreko presidente hautatu dute. 2013tik dago ardura horretan. Joseba Egibar: Andoain (Gipuzkoa), 1959). GBB Gipuzko Buru Batzarreko presidentea 1987tik 2000ra, eta 2004tik gaur arte. EAJren bozeramailea Eusko Legebiltzarrean. Peio Etxeleku: Baionan jaio zen, 1973an. IBB Ipar Buru Batzarreko presidente hautatu dute, Pako Arizmendi ordezkatzeko. Enpresaria eta Kanboko hautetsia (Lapurdi). Unai Hualde: Altsasun (Nafarroa) jaio zen, 1976an. NBB Nafar Buru Batzarreko presidente aukeratu dute, eta Nafarroako Parlamentuko lehendakaria ere bada. Ardura banaketaz gain, atzoko bileran onartu zuten «e-Erakundea» eratzea eta abian jartzea: «E-erakundea izeneko hau EAJk euskal gizarteari proposatzen dion harreman berria da, alderdikidetze klasikoa ez bezalakoa, Alderdiaren eta bere burukideen arteko konfiantza bultzatuz, herritarrekin aldebiko harreman erraz eta eraginkorra izate aldera». E-erakundeko kide izan ahalko dira EAJko kide izan nahi duten baina alderdi jeltzalearen eragin esparru geografikotik kanpo bizi diren guztiak, eta baita «bizitokia leku batean edo bestean dutela, EAJren alderdikide izan nahi ez duten arren, Alderdiarekin komunikazio eta informazio harremanak izan nahi dituztenak» ere. Atal hori idazkaritzaren ardurakoa izango da, eta, beraz, Mireia Zaratek zuzenduko du.
2021-1-12
https://www.berria.eus/albisteak/192155/zubietako-erraustegiaren-jardueraren-inguruko-galderak-erregistratuko-ditu-eh-bilduk.htm
Gizartea
Zubietako erraustegiaren jardueraren inguruko galderak erregistratuko ditu EH Bilduk
Erraustegiaren jardunaz dagoen «gardentasun faltak kezkatuta», ordezkaritza duen erakunde denetan erregistratuko ditu galderak: Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Eusko Legebiltzarrean, eta Espainiako Kongresuan. GHKn ekinbide administratibo bat ere abaituko dute.
Zubietako erraustegiaren jardueraren inguruko galderak erregistratuko ditu EH Bilduk. Erraustegiaren jardunaz dagoen «gardentasun faltak kezkatuta», ordezkaritza duen erakunde denetan erregistratuko ditu galderak: Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Eusko Legebiltzarrean, eta Espainiako Kongresuan. GHKn ekinbide administratibo bat ere abaituko dute.
Zubietako erraustegiaren jardunaren «gardentasun falta» dela-eta kezkatuta dago EH Bildu. Abenduaren 11n instalazioa martxan jartzeko akta sinatu zuen Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK). Baina informazio hori zalantzan jarri duten albisteak argitaratu dira hilabete horretan. Koalizioak zerrenda bat egin du: transformadore nagusia konektatzeko ahaleginetan izandako istripuak, Arkaitzerrekako kutsadura, energia sorkuntzaren inguruko datu nahasgarriak, emisioen kontrolik eza, edo jarduera baimenen kudeaketa susmagarria. Horien inguruan aldundiak emandako azalpenek ez dute gogobete EH Bildu, eta horregatik ordezkaritza duen erakunde denetara joko du. «Dagoeneko hilabete bat igaro da erraustegia martxan dagoenetik. Ez zaie horren inguruko informaziorik helarazi hondakinen kudeaketaz arduratzen diren Gipuzkoako mankomunitateei», azaldu du Eneko Maioz Gipuzkoako koordinatzaileak. Horri aurre egiteko, GHKn ekinbide administratibo bat abiatuko dute. Bestalde, erraustegiaren legezkotasunaren inguruko idatzizko galderak erregistratuko ditu koalizio abertzaleak. Hau da, Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Eusko Legebiltzarrean, eta Espainiako Kongresuan.
2021-1-12
https://www.berria.eus/albisteak/192156/kybseko-103-kaleratzeak-laquokudeaketa-txarrariraquo-egotzi-dizkiote-sindikatuek.htm
Ekonomia
Kybseko 103 kaleratzeak «kudeaketa txarrari» egotzi dizkiote sindikatuek
Zuzendaritzak langileekin adostutakoa urratu duela salatu du CCOOk, eta gogoratu du 2019an 2,6 milioiren irabaziak izan zituela enpresak.
Kybseko 103 kaleratzeak «kudeaketa txarrari» egotzi dizkiote sindikatuek. Zuzendaritzak langileekin adostutakoa urratu duela salatu du CCOOk, eta gogoratu du 2019an 2,6 milioiren irabaziak izan zituela enpresak.
CCOO sindikatuak errefusatu egin du Ororbiako (Nafarroa) Kybse enpresan 103 langile kaleratzeko aurkeztutako lan-erregulazio txostena, eta salatu du zuzendaritzak «urratu» egin duela langileei emandako hitza. Japoniako enpresak autoentzako motelgailuak ekoizten ditu Nafarroako lantegian, eta 900 behargin inguru ditu han. Arrazoi ekonomikoak eta produktiboak eman ditu kaleratzeak gauzatzeko, bere salmentak %60 murriztu direla argudiatuta, COVID-19ak eragindako krisi ekonomikoaren ondorioz. CCOOK onartu du lan jarduna asko murriztu dela, baina azpimarratu du 2019an enpresak 2,6 milioi euroren irabaziak izan zituela, eta zuzendaritzaren «kudeaketa txarrari» egotzi dio oraingo egoera. Sindikatuak azaldu du langileek etor zitekeena ikusita urratsa egin zutela lan hitzarmen berria negoziatzean, lan eskubide batzuetan murrizketak onartuz; horren truke, gogoratu du enpresak konpromisoa hartu zuela Ororbiako lantegira motelgailuen linea berri bat ekarri eta enplegua bermatzeko. «2019ko irabaziak asmo horretan inberti zezaketen, baina zuzendaritzak ez du bere konpromisoa bete, eta, orain, enplegua suntsitzeaz hitz egiten digute». Datorren astelehenean egingo dute zuzendaritzaren eta batzordearen arteko lehen bilera lan-erregulazio txostena negoziatzeko. CCOOk espero du kaleratzeak borondatezko irteerekin eta erretiro aurreratuekin ordezkatzea edo lan hitzarmenean jasota dauden beste neurri batzuekin. «Edozein irtenbide traumatikoren aurka egingo dugu, eta kaleratze bakar bat ere egon ez dadin borrokatuko dugu».
2021-1-12
https://www.berria.eus/albisteak/192157/itsaso-guenes-tentsio-handiko-linea-berriaren-dorreak-eraiki-dituzte.htm
Gizartea
Itsaso-Gueñes tentsio handiko linea berriaren dorreak eraiki dituzte
Itsasoko estazio elektrikotik abiatuta, 3,5 kilometroko linea berriak 132 dorre garai izango ditu Gueñeseraino.
Itsaso-Gueñes tentsio handiko linea berriaren dorreak eraiki dituzte. Itsasoko estazio elektrikotik abiatuta, 3,5 kilometroko linea berriak 132 dorre garai izango ditu Gueñeseraino.
Goi tentsioko 400 kilovolteko indarra bi noranzkotan garraiatuko du Itsaso-Gueñes linea bikoitzak, eta horixe ari da eraikitzen REE Red Electrica de España enpresa. Dagoeneko begi bistakoa da 11 urte eta hamaika gorabehera izan dituen proiektuaren neurria eta eragina, altxatu baitituzte altzairuzko dorre handiak. Oraindik haririk ez dute bota instalazio berrian, baina azpiegitura aurreratuta dago, eta instalazioak zabalduta daude bai ibilbidean eta bai korapilo izango den Itsasoko argindar zentralean. Itsasotik Gueñesko (Bizkaia) estazio elektrikora, 73,5 kilometro luze izango da linea berria. 400.000 volteko indarra garraiatuko du, bi noranzkoetan. 60 milioi euroko aurrekontua du REEk, eta aurtengo urtean jarri nahi du zerbitzuan linea, 2021eko bigarren erdialdean. (jarraitu irakurtzen, Goierriko Hitza-n).
2021-1-12
https://www.berria.eus/albisteak/192158/artisten-estatutua-diseinatzeko-lantaldea-eratzea-proposatu-eh-bilduk.htm
Kultura
Artisten Estatutua diseinatzeko lantaldea eratzea proposatu EH Bilduk
Uste du premiazkoa dela arau propio bat izatea, gutxieneko lan baldintzak bermatu eta sormena erraztu ahal izateko.
Artisten Estatutua diseinatzeko lantaldea eratzea proposatu EH Bilduk. Uste du premiazkoa dela arau propio bat izatea, gutxieneko lan baldintzak bermatu eta sormena erraztu ahal izateko.
EH Bilduren iritziz, premiazkoa da Artistaren, Sortzailearen eta Kultur Langilearen Euskal Estatutua sortzea, eta Eusko Legebiltzarrean hori diseinatu edo onartuko lukeen lantaldea eratzea proposatu du. Goizean erregistratu du legez besteko proposamena. EH Bilduren ustez, arauak «pluraltasunean, adostasunaren eta parte hartze zabalaren emaitza» izan beharko luke, bai alderdi politikoen aldetik eta bai sektoreko eragileen aldetik ere, «eta ez Jaurlaritzaren erabaki bertikal bat». Izan ere, Eusko Jaurlaritzak estatutua sortzeko borondatea agertu zuen legealdiaren hasieran, baina gaur-gaurkoz ez du ezer aurreratu asmo horren inguruan. Josu Estarrona EH Bilduko legebiltzarkideak gogorarazi du dagoeneko badela Espainian artisten estatutu bat, baina uste du «ezinbestekoa» dela arau propio bat izatea, besteak beste, kultur jarduerari eragiten dioten «berezitasunak» daudelako hemen, izan zerga sistemari lotutakoak, izan kultura arloko eskumenei dagozkienak. Estarronak uste du, baina, lantaldea eratzeko baldintza guztiak betetzen direla: batetik, Jaurlaritzak berak ere arau horren beharra ikusten duelako, eta, bestetik, «kultur ekosistemako eragileek prest daudelako parte hartze zabala bermatuko duen espazio batean ekarpenak egiteko». Haren iritziz, hain zuzen ere, legebiltzarrean lantalde bat eratzea formula aproposa izan daiteke alde guztien ekarpenak jasotzeko. Baldintza egokiak EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu du sormen eta arte jarduerak zenbait «berezitasun» dituztela, lan horiek egitea baldintzatzen dituztenak: hala nola aldi baterako edota aldizkako kontratuak, sektorearen heterogeneotasuna, proiektuetan oinarritutako lan jarduera edota sorkuntza prozesuaren emaitzei lotutako «ziurgabetasuna». Hori horrela, uste du sektorean diharduten profesionalek eta enpresek «sorkuntza ahalbidetuko eta erraztuko duen esparru arau bat» behar dutela. «Kultura eta sormen arloko profesionalek eta enpresek baldintza egokiak behar dituzte; gutxieneko lan baldintzak ezarriko dituena, babes soziala emateko esparrua egokituko duena, erretiro saria eta egile eskubideengatiko diru sarrerak bateragarri egingo dituena, fiskalitatea moldatuko duena, finantzaketa erraztuko duena, euren lana zabaltzeko eta nazioartekotzeko aukerak areagotuko dituena, kontratazioak erregulatuko dituena», adierazi du Estarronak. Eta zera erantsi du: «Arau horietako batzuk garatzeko eskumenik ez badugu ere, asko eta asko gure esku daude».
2021-1-12
https://www.berria.eus/albisteak/192159/flores-hil-duen-polizia-atxiloalditik-atera-da-kargurik-gabe.htm
Gizartea
Flores hil duen polizia atxiloalditik atera da, kargurik gabe
Haren kontrako ikerketa amaitutzat jo dute, «oraingoz».
Flores hil duen polizia atxiloalditik atera da, kargurik gabe. Haren kontrako ikerketa amaitutzat jo dute, «oraingoz».
Frantziako Polizia batek Nathalie Flores hil zuen, tiroz, atzo goizaldean. Baionako Marechal Soult etorbidean gertatu zen tiroketa, 01:10ean. Jerome Bourrier prokuradoreak azaldu duenez, Frantziako Poliziaren kontrol batetik ihes egiten saiatu zen emakumea, autoz, eta funtzionarioen ibilgailua jo zuen. Polizietako bat belaunean zauritu zuen, eta beste batek tiro egin zion orduan emakumeari. Larrialdietako zerbitzuek Baionako ospitalera eraman zuten, baina emakumea ospitalera iritsi eta ordu batzuetara hil zen. Tiro egin zuen polizia atxiloaldian sartu zuten atzo goizean, eta atzo arratsean luzatu egin zioten atxiloaldia. Arratsalde honetan, ordea, libre utzi dute. Baionako Jerome Bourrier prokuradoreak baieztatu du, ikerketaren lehen frogen arabera, «arma molde proportzionatu eta zilegian» erabili zuela poliziak. Hala, kargurik gabe libre utzi dute funtzionarioa. Halere, instrukzio epaile baten esku utziko du ikerketa prokuradoreak, «froga ezberdinak» alderatu ahal izateko. Izan ere, hilketaren harira, bi ikerketa zabaldu zituen Baionako prokuradoreak. Bata, «Polizia zerbitzuei ez obeditzeagatik, eta polizia indarren kontrako hilketa saiakeragatik», eta bestea, «autoritate publikoa duen norbaitek egindako hilketagatik», tiroketa nola gertatu zen ikertzeko. Frantziako Poliziaren Ikuskaritza Nagusiaren eta Baionako Poliziaren esku utzi zuten bigarren ikerketa. Zehaztekoa da Frantziako Poliziaren Ikuskaritza Nagusia, Frantziako barne ministerioaren baitako erakundea dela. Bestalde, Jerome Bourrier prokuradoreak, esan du Floresen senideak harremanetan jarri dituela Ipar Euskal Herriko biktimen laguntzarako elkartearekin (ACJPB).
2021-1-12
https://www.berria.eus/albisteak/192160/virunga-parke-nazionaleko-sei-basozain-hil-dituzte.htm
Mundua
Virunga parke nazionaleko sei basozain hil dituzte
Azken hamarkadan, gutxienez 200 basozain hil dituzte miliziek. Munduan bionaztasunik handiena duten eremuetako bat da.
Virunga parke nazionaleko sei basozain hil dituzte. Azken hamarkadan, gutxienez 200 basozain hil dituzte miliziek. Munduan bionaztasunik handiena duten eremuetako bat da.
Kongoko Errepublika Demokratikoko Virunga parke nazionaleko basozain izatea arriskutsu bihurtu da mendea hasi zenetik. Azken hamar urteetan gutxienez 200 langile hil dituzte Mai-Mai miliziek, «parkea defendatzen» ari zirela, hango arduradunen arabera. Azken erasoa igandean gertatu zen. Miliziano talde batek sei basozain hil zituen, eta beste bat larri zauritu. Parkeko arduradunek zabaldutako mezuan adierazi dute goizeko lehen orduan gertatu dela erasoa, han 7:30 inguru zirela, parkean zeudela: «Lehen ikerketen arabera, basozainak ustekabean harrapatu zituzten, defendatzeko aukerarik izan gabe». Erasotzaileak Mai-Mai miliziak izan direla adierazi dute. Hala izendatzen dituzte azken hamarkadetan herrialdearen ekialdean sortu diren miliziak; 130 inguru, Human Right Watch gobernuz kanpoko erakundearen arabera. Horietako asko inguruko nekazariek osatu daude. Halere, badira inguruko meatzeen kontrola helburu dutenak. Hainbatek isilpeko ehizaren eta egur preziatuen trafikoaren bidez lortzen dute finantzaketa. Parkean, 700 basozain inguruk egiten dute lan han, eta armatuta patruilatu ohi dute. «Patruiletan arrisku askori egin behar diegu aurre. Talde armatuez gain, animaliek ere eraso gaitzakete. Edozein unetan hil gaitezke. Ezin dugu guardia jaitsi», adierazi dio Efe agentziari parkeko langile batek. Izan ere, igandekoaren aurretik, iazko apirilean, miliziek hamabi langile eta lau zibil hil zituzten, ICCN Kongoko Ingurumenaren Babeserako Institutuaren arabera. Virunga 1925ean bilakatu zen parke nazional, eta izendapen hori lortu zuen Afrikako lehen eremua izan zen. Gainera, Gizadearen Ondare ere bada 1979tik. Denera, 7.800 kilometro karratu ditu, eta lurrean bioaniztasun gehien duen eremuetako bat da: sumendiak, 5.000 metrotik gorako mendiak, oihanak... Besteak beste, han bizi da munduko mendiko gorila populazioaren laurdena —desagertzeko arrisku larrian daude—.
2021-1-12
https://www.berria.eus/albisteak/192161/akordiorako-ateak-itxita-amaitu-dute-bilera-jaurlaritzak-eta-ppcs-ek.htm
Politika
Akordiorako ateak itxita amaitu dute bilera Jaurlaritzak eta PP+C's-ek
Azpiazuk esan du koalizioaren «itxikeriak» ezinezko egiten duela negoziatzen jarraitzea.
Akordiorako ateak itxita amaitu dute bilera Jaurlaritzak eta PP+C's-ek. Azpiazuk esan du koalizioaren «itxikeriak» ezinezko egiten duela negoziatzen jarraitzea.
Euskal Autonomia Erkidegorako 2021eko aurrekontuen negoziazioaren testuinguruan egiten ari diren bileretan, Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburua Carlos Iturgaiz eta Luis Gordillo PP+C's koalizioko legebiltzarkideekin batzartu da gaur. Bileran hitz egindakoaren diagnostiko argia egin du Azpiazuk: ez da posible negoziatzen jarraitzea, koalizioaren «itxikeriaren» ondorioz. «Aurrekontua hobetzeko edo moldatzeko inolako proposamenik ez egiteaz gain, iragarri dute osoko zuzenketa bat aurkeztuko dutela, ziurtzat jo dutelako gobernuak aurrekontuei buruzko akordio bat itxia duela beste talde batekin», azaldu du Azpiazuk, eta gaineratu Jaurlaritzak indar politiko gehiago batu nahi dituela aurrekontuaren inguruko akordiora, nahiz eta EAJk eta PSE-EEk gehiengo absolutua duten. Iturgaizek berak baieztatu du osoko zuzenketa jarriko diotela Jaurlaritzaren proiektuari, haren iritziz «egungoa bezalako larrialdi une batean, diru sailak aholkularietara bideratzen jarraitzen» baitu. Bilera «adeitsua» izan da, baina Iturgaizek uste du aurrekontuak «abertzaleagoak» direla «errealistak» baino, eta ez datozela bat euskal gizartearen beharrekin. Bilera sorta bihar amaituko du Azpiazuk, Elkarrekin Podemos-IUrekin. Itxuraz, hori izango da Jaurlaritzak beste talderen batekin akordioa lortzeko aukera bakarra; atzo, Azpiazuk berak baztertu zuen Voxekin ados jartzeko aukera, eta EH Bilduk «hankamotz» jo du aurrekontu proiektua. Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak, berriz, ostiralean azaldu zuen jarrera «eraikitzailearekin» joango direla asteazkeneko bilerara eta dokumentu bat eramango diotela Azpiazuri: «Ez dugu uste Euskadik behar dituen aurrekontuak direnik, oso kritikoak gara bere edukiarekin, baina hitz egin eta ados jarri nahi dugu, gure proposamenak aurrekontuan jaso daitezen». Gasteizen, osoko zuzenketa EH Bilduk iragarri du osoko zuzenketa jarriko diola Gasteizko udal gobernuak aurkeztutako aurrekontu proiektuari. Miren Larrion bozeramaileak azaldu du Gorka Urtaranen gobernuak osaturiko aurrekontuek ez diotela erantzuten hiriaren egoerari. Hala ere, EH Bilduk 54 zuzenketa partzial jarriko dizkio, guztira 16,5 milioi eurorenak.
2021-1-12
https://www.berria.eus/albisteak/192162/bi-pertsona-atxilotu-dituzte-aizarnazabalen-agertu-zen-gorpuarekin-lotuta.htm
Gizartea
Bi pertsona atxilotu dituzte Aizarnazabalen agertu zen gorpuarekin lotuta
Urtarrilaren 4an Urola ibaian agertu zen emakumearen ezagunak dira biak. Segurtasun Sailak ez du informazio gehiago eman, epaileak ikerketa sekretupean jarri baitu.
Bi pertsona atxilotu dituzte Aizarnazabalen agertu zen gorpuarekin lotuta. Urtarrilaren 4an Urola ibaian agertu zen emakumearen ezagunak dira biak. Segurtasun Sailak ez du informazio gehiago eman, epaileak ikerketa sekretupean jarri baitu.
Gizonezko bat eta emakumezko bat atxilotu ditu gaur Ertzaintzak, Aizarnazabalen agertu zen gorpuarekin zerikusia dutelakoan. Segurtasun Sailak ez du informazio gehiagorik eman, epaileak aginduta ikerketa sekretupean baitago. Urola ibaiaren ertzean garbiketa lanak egiten ari ziren langileek topatu zuten Aintzane Pujana Etxeberriaren gorpua urtarrilaren 4an. 32 urte zituen donostiarrak, eta labankadaka hil zuten. Joan den astean hitz egin zuen gaiari buruz Rodrigo Gartzia Ertzaintzako zuzendariak, eta zehaztu zuen biktimaren azken egunak eta orduak ikertzen ari zirela. Aizarnazabalen bertan ikusi zuten azken aldiz —hainbat hedabideren arabera, herriko landetxe batean igaro zuen Urtezahar gaua—, eta han agertu zen gorpua. Biktimaren bikotekideak urtarrilaren 1ean bertan jarri zuen haren desagerpenari buruzko salaketa. Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak gaur esan duenez, kasuan aurrerapauso nabarmenak eman dira azken hamar egun hauetan.
2021-1-12
https://www.berria.eus/albisteak/192163/aernnovako-langileek-itxialdia-hasi-dute-gasteizko-eliza-batean.htm
Ekonomia
Aernnovako langileek itxialdia hasi dute Gasteizko eliza batean
Enpresak otsailaren 1ean gauzatuko ditu kaleratzeak. Horien aurkako grebari eta beste protestei eutsiko diete langileek.
Aernnovako langileek itxialdia hasi dute Gasteizko eliza batean. Enpresak otsailaren 1ean gauzatuko ditu kaleratzeak. Horien aurkako grebari eta beste protestei eutsiko diete langileek.
Aernnovako langileek manifestazioa egin dute gaur goizean, Eusko Jaurlaritzaren egoitzatik abiatuta, Gasteizen. Hiriguneko Los Angeles elizara heldu direnean iragarri dute tenplu horretan itxialdi bat hasiko dutela, gutxienez datorren astelehenera arte. Ez dute, ordea, elizan lo egingo. Goizean kaleratzeen aurkako protesta bat egingo dute, eta han bilduko dira beren egoeraren berri izan nahi duten eragile politiko, sozial eta sindikalekin. Enpresak jakinarazi die kaleratzeak otsailaren 1ean gauzatuko dituela. Aernnovak Berantevillan duen fabrikako 450 langileetatik 82k galduko dute enplegua: 55 kaleratze gordin izango dira, beste hamalau langilek aldez aurreko erretiroa hartuko dute, eta beren borondatez enpresa utziko dute hamahiru langilek, kalte-ordain handiagoarekin. Fabrikako sindikatu nagusiak, ELAk, auzitara eraman ditu kaleratzeak. Langileek bederatzi greba egun antolatu dituzte beren egoera salatzeko eta ezagutarazteko. Iragan ostegunean egin zuten lehena, gaur bigarrena eta etzi hirugarrena. «Krisi koiunturala» Aernnovako langile batzordeak behin baino gehiagotan azaldu du enpresaren osasun ekonomikoa oso ona dela, eta kaleratzeak ez direla justifikatuak. Besteak beste, 139 milioi euro banatu zituen dibidendutan 2017an, eta, aurten, 490 milioi euroko mailegu bat eskatu du, eta horietatik 100 irabaziak banatzera bideratu ditu. Batzordeak, halaber, nabarmendu du enpresak diru publiko ugari jaso duela azken urteetan. Langile batzordeak une oro nabarmendu du koiunturala dela koronabirusak hegazkingintzan eragin duen krisia, eta behin-behineko neurriak onartuta kaleratzeak eragotz daitezkeela. Enpresak, baina, negoziazioetan esan du espero duela 2021ean ohiko duenaren erdia fakturatzea. Sindikatuen ustez, iragarpen horiek ezkorregiak dira. 2015ean antzeko egoera bat izan zen Aernnovan. Orduan 130 langileko erregulazioa egiten saiatu zen, baina, azkenean, atzera bota zuen. Lanpostu galtze hori, dena den, tantaka egin da, orduan 570 langile baitziren Berantevillan. Tarte horretan lan karga ugari bidali du Mexikon eta Brasilen dituen plantetara.
2021-1-12
https://www.berria.eus/albisteak/192164/zubietako-erraustegian-piztutako-sutea-laquokontrolaturaquo-dute.htm
Gizartea
Zubietako erraustegian piztutako sutea «kontrolatu» dute
GHKren arabera, instalazioko langileen eta suhiltzaileen «gainbegiradapean» dago sutea. GuraSOSek jakinarazi duenez, Gipuzkoako Fiskaltzak ikertu egingo du erraustegiaren funtzionamendua, legez kanpokoa ote den deliberatzeko.
Zubietako erraustegian piztutako sutea «kontrolatu» dute. GHKren arabera, instalazioko langileen eta suhiltzaileen «gainbegiradapean» dago sutea. GuraSOSek jakinarazi duenez, Gipuzkoako Fiskaltzak ikertu egingo du erraustegiaren funtzionamendua, legez kanpokoa ote den deliberatzeko.
SOS Deiek adierazi dutenez, sute bat piztu da Zubietako erraustegian. Azaldu duenez, larrialdi zerbitzuak joan dira erraustegira, eta enpresako langileekin batera lortu dute kontrolpean hartzea. SOS Deiek abisua eman eta bizpahiru ordura, ohar bat kaleratu du GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak, eta nabarmendu «enpresako langileek eta suhiltzaileek» sua «itzali» dutela, «kontrolatu», eta instalazioko langileen eta suhiltzaileen «gainbegiradapean» dagoela. SOS Deiek adierazi dute sutea «erabat amatatu» arte kea izango dela inguruetan. GHK-ren oharraren arabera, bolumen handiko hondakinen hobian gertatu da sutea. Nabarmendu du, halere, ez duela «inolako kalterik» eragin. Oraingoz, ordea, ez dago itzalita, eta SOS Deiek aurreratu dutenez, kea izango da inguruetan «erabat amatatu» arte. Oraindik ez dute jakinarazi zerk eragin duen sua, baina ez da lehen aldia horrelakorik gertatzen dela. Irailean transformadore nagusia erre egin zen, eta hain zuzen, GHK-k joan den asteburuan jarri zuen martxan berriro, ohar batean azaldu zuenez, «normaltasun osoz eta topera». Berriak jakin duenez, erraustegiaren kudeatzaile Ekondakinek Jaurlaritzako Industria saileko teknikariei esan dienez, hondakinek su hartu dute Zubietako erraustegiaren barruan, eta suhiltzaileek beraiek amatatu behar izan dute. Enpresako iturrien arabera, beraz, suak ez luke zerikusirik izango konektatu berri den transformadorearekin. Berriak langileen iturrietatik baieztatu du tesi hori, alegia, sua hondakin lehorren hobian hasi dela. GHKren oharraren arabera, transformadorea konponduta zegoen eta azterketa guztiak gainditu zituen berriro martxan jarri aurretik. Eusko Jaurlaritzaren Industria Sailari jakinarazi zioten, gainera, berriro martxan jartzera zihoazela. Azterketa horiek gainditu ostean, ostiralean hasi ziren transformadorea berriro martxan jartzeko lanean, «pizteko hornitzaileak emandako protokoloak jarraituz». GuraSOSek aurretik salatua duenez, bi alditan saiatu dira pizten, eta ez zuten lortu. Zubietako erraustegia 2019an jarri zuten martxan probetan. Abenduan GuraSOSek salatu zuen berez zazpi hilabete eta erdiko probaldi bat zeukala: «Baina orain, hemezortzi hilabete geroago, probaldian jarraitzen du, eta horrek argi uzten du ingurumen baimen integratua iraungita dagoela». Ingurumen Saileko arduradunak prebarikazio delitu bat egin ote duten aztertuko dutela erantsi zuen GuraSOSek. Talde horrek hedabideei deialdi bat bidali die bihar, eta iragarri du Gipuzkoako Fiskaltzak aintzat hartu duela erraustegiaren legeztatze prozesuan izandako ustezko irregulartasunen inguruko salaketa. Horri buruzko ikerketa abiatuko duela jakinarazi du. Plataforma horrek berak abenduan salatu zuen labea homologatu gabe ari direla probak egiten. Labeek martxan jartzeko behar duten homologazio hori lortzeko, aztertzen dute ongi funtzionatzen ote duten diseinatuta dauden gasarekin eta presioarekin, eta zehaztutako erretze parametroak betetzen ote diren. Plataformak nabarmendu zuen abenduan dioxinen sorrera gutxitzeko beharrezkoa dela 850 gradu zentigradura iristea, eta horretarako behar dela gasa prozesuan, tenperatura konstantea izan dadin. Erraustegia 2020ko abenduan jarri zuten martxan ofizialki. Abenduaren 11n hasi zen Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa erraustegia kudeatzen duten enpresei azpiegiturengatik ordaintzen, eta behin betiko funtzionamenduari ekin zioten. Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusia eta Jose Ignazio Asensio Ingurumen diputatua izan ziren bisitan egun horretan. Olanoren arabera, Europako iparraldeko beste herrialde batzuen maila berean koka daiteke, hala nola Alemaniaren parean. Gainera, erantsi zuen erraustegia Europan hondakinen kudeaketarako erreferentzia bat ere badela. Atzo GHK-k berak ohar batean adierazi zuenez, epaileak ez du onartu erraustegiaren aurkako kautela neurriak ezartzea, GuraSOSek eskatua zuen bezala. Izan ere, talde horrek salatua zuen azpiegitura martxan jartzeko prozedura. Izan ere, haren iritziz, Jaurlaritzak Ingurumen Baimen Bateratuaren (IBB) eraginkortasuna agindu ostean eduki zuen matxura transformadore nagusia, pizten saiatu zirenean. GuraSOSen arabera, horrek frogatuko luke gailu hori ez zegoela martxan ingurumen baimena eman ziotenean, eta, artean probak egiten ari zirela. Baina IBBaren eraginkortasuna emateko ezinbestekoa da obrak guztiz amaituta egotea.
2021-1-12
https://www.berria.eus/albisteak/192165/zumarragako-ospitalean-bi-agerraldi-atzeman-dituzte.htm
Gizartea
Zumarragako ospitalean bi agerraldi atzeman dituzte
Osakidetzak ez du jakinarazi zenbat lagun kutsatu diren, baina adierazi du agerraldiak «kontrolpean» daudela jadanik.
Zumarragako ospitalean bi agerraldi atzeman dituzte. Osakidetzak ez du jakinarazi zenbat lagun kutsatu diren, baina adierazi du agerraldiak «kontrolpean» daudela jadanik.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez, Zumarragako (Gipuzkoa) ospitaleko ama-haurrentzako eremuan eta barne medikuntzakoan atzeman dituzte COVID-19aren agerraldiak. Osakidetzak ez du zehaztu zenbat pertsona kutsatu diren, baina argitu du ezen, kutsatzea osasun zentro batean gertatu denez gero, kasu bat aski dela «agerraldi» modura izendatzeko. Osasun Sailak adierazi duenez, ospitaleko zuzendaritzak dagoeneko martxan jarri ditu egoerari erantzuteko beharrezko diren protokolo eta neurriak.
2021-1-12
https://www.berria.eus/albisteak/192166/muskizko-zahar-etxeko-93-erabiltzailek-dute-birusa.htm
Gizartea
Muskizko zahar etxeko 93 erabiltzailek dute birusa
Bizkaiko Aldundiak Muskizko zahar etxeko erabiltzaile eta langile guztiei egin die birusa atzemateko proba, eta 90 egoiliarrek eta 20 langilek eman dute positibo horietan. 103 erabiltzaileetatik 93 kutsatuta daude.
Muskizko zahar etxeko 93 erabiltzailek dute birusa. Bizkaiko Aldundiak Muskizko zahar etxeko erabiltzaile eta langile guztiei egin die birusa atzemateko proba, eta 90 egoiliarrek eta 20 langilek eman dute positibo horietan. 103 erabiltzaileetatik 93 kutsatuta daude.
Guztira 103 erabiltzaile ditu Muskizko (Bizkaia) Marcelo Gangoiti zahar etxeak, eta haietatik 93 daude kutsaturik, Bizkaiko Aldundiak jakinarazi duenez. Gainera, 93 langileetatik 20k positibo eman dute birusa atzemateko egindako probetan. Kutsaturik dauden egoiliarretako 7 COVID-19an espezializatutako arreta unitateetara eraman dituzte, Aldundiak emandako datuen arabera. Gainerakoak zahar etxean daude, eta asintomatikoak dira. Baheketa Getxoko zahar etxean Aldundiak adierazi duenez, koronabirusa detektatzeko baheketa bat eginen dute Getxoko Beato Domingo Iturrate zaharren egoitzan. Zehazki, 29 egoiliarri eta 25 langileri egiten diete testa.
2021-1-12
https://www.berria.eus/albisteak/192167/agurainen-asparrenean-eta-donemiliagan-pcr-probak-egitera-deitu-dute.htm
Gizartea
Agurainen, Asparrenean eta Donemiliagan PCR probak egitera deitu dute
Bihartik larunbata bitartean, biak barne, baheketa masiboa egingo dute 16 urtetik gorako herritar guztien artean. Ez da beharrezkoa izango aldez aurretik ordua eskatzea.
Agurainen, Asparrenean eta Donemiliagan PCR probak egitera deitu dute. Bihartik larunbata bitartean, biak barne, baheketa masiboa egingo dute 16 urtetik gorako herritar guztien artean. Ez da beharrezkoa izango aldez aurretik ordua eskatzea.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi du bihar hasi eta larunbata bitartean, biak barne, baheketa masiboa egingo duela Agurainen, Asparrenean eta Donemiliagan (Araba), 16 urtetik gorako herritarren artean. Ez da ordurik eskatu behar aldez aurretik , eta Osasun Sailak herritar guztiak animatu ditu probak egitera. Baheketa Aguraingo kiroldegian egingo dute, 09:00etatik 20:00etara bitartean.
2021-1-12
https://www.berria.eus/albisteak/192168/urkok-ezezagunak-ezagutaraziko-ditu-igande-honetan-viktoria-eugenian.htm
Kultura
Urkok ‘Ezezagunak’ ezagutaraziko ditu igande honetan, Viktoria Eugenian
Mende erdiko ibilbideari errepasoa egingo dio kantariak, musikari talde zabal batekin, kantu ezezagunak eta arrakastatsuak tartekatuz.
Urkok ‘Ezezagunak’ ezagutaraziko ditu igande honetan, Viktoria Eugenian. Mende erdiko ibilbideari errepasoa egingo dio kantariak, musikari talde zabal batekin, kantu ezezagunak eta arrakastatsuak tartekatuz.
Josean Larrañaga Urko-k ia mende erdia darama oholtza gainean kantari, baina oraindik ez du aukerarik izan bere sorlekuko areto handietako batean, Donostiako Viktoria Eugenian, bakarka aritzeko. Igandean aterako du arantza hori: kontzertu «bakarra eta errepikaezina» emango du, gertuko musikari «handiez» lagunduta. Javier Perez de Azpeitia ariko da pianoan; Lerman Nieves baxuan; Ruben Caballero gitarran; Igor Telletxea baterian; Jorge Pacheco perkusioan; Satxa Soriazu teklatuan, eta Luis Mari Moreno Pirata saxoan. Arreta handiz hautatu eta entseatu dituzte kontzerturako hogei kantuak, eta formatu elektrikoan emango dituzte. Iñaki Salvadorren, Daniren eta Hugo Silveiraren kolaborazioak ere izango dituzte. 19:00etan izango da; 20 euro balio du sarrerak. Ez da Urko Viktoria Eugeniako oholtzara igoko den lehen aldia, Gorka Knorr, Gontzal Mendibil eta beste batzuekin ere kontzertuak eman izan baititu areto horretan. Baina aurreneko aldia izango du protagonista bakar gisa. Aurten beteko dira 47 urte lehen diskoa kaleratu zuenetik, eta badira 49 urte aretoetan kantuan dabilela. Ibilbide luze horretan ezezagunak izan diren «baina balio handikoak diren» kantuak errepasatuko ditu igandeko kontzertuan, kantu ezagunak eta arrakastatsuak ere tartekatuta. Eta, lehen aldiz, Jose Bergamini eskaini zion diskoko kantu batzuk ere emango ditu jendaurrean. Mende erdiko ibilian hamasei disko kaleratu eta gero, egindako lanari erreparatu nahi izan dio Urkok, hogei kantuko sorta bat ahalik eta baldintzarik onenetan eta kalitaterik handienez emateko. Oholtzak erabat utzi ez baditu ere, azkeneko urteetan kontzertu hautatuak ematen ari da. Urte batzuez musika bandekin aritu da, eta, orain, bere onena eman nahi du, zaindutako formatu batekin, eta entzuleak animatu ditu iganderako: «Oso gogor entseatu dugu, eta nahi dugu ekitaldi berezi bat izatea. Jendea animatu behar da antzokietara eta kontzertuetara; leku seguruak dira».
2021-1-12
https://www.berria.eus/albisteak/192169/jarduera-handitu-duten-enpresak-ikertuko-ditu-bizkaiko-ogasunak.htm
Ekonomia
Jarduera handitu duten enpresak ikertuko ditu Bizkaiko Ogasunak
Ogasunak bidea zabaldu du etxe turistikoen bitartekarien eta moneta birtualen jabeen aitorpenak errazteko eta kontrolak indartzeko
Jarduera handitu duten enpresak ikertuko ditu Bizkaiko Ogasunak. Ogasunak bidea zabaldu du etxe turistikoen bitartekarien eta moneta birtualen jabeen aitorpenak errazteko eta kontrolak indartzeko
Zerga iruzurraren aurkako borrokan beste urrats bat egingo du Bizkaiko Ogasunak: etxe turistikoen alokairuei buruzko, moneta birtualen jabeen inguruko, eta nazioartean eta paradisu fiskaletan lan egiten duten enpresa eta zergadunei buruzko informazio zehatzagoa biltzen hasiko da. Horrekin batera, aurten arreta berezia jarriko du pandemiaren garaian jarduera handitu duten enpresetan. Hala iragarri dute Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantza diputatuak eta Iñaki Alonso Ogasun zuzendari nagusiak. Zehaztu dute datozen bi urteetan osatuko dituztela neurriak, Ogasuna digitalizatzeko martxan dauden proiektuak erabat ezartzean –adibidez, Batuz sistema, fakturei buruzkoa–. Iruarrizagaren arabera, horrek guztiak «ugaritu» egingo du zergadunei buruz duten informazioa. Diru birtuala, akzioak bezala Etxe turistikoen eta moneta birtualen hazkundea dela eta, bereziki kezkatuta azaldu da ogasuna, eta pauso batzuk eman ditu jada. Bizkaiko Aldizkari Ofizialean bi aitorpen eredu berri argitaratu ditu astearte honetan. Bata, alokairuen bitartekariek urtero aurkeztu beharko dutena. Eta beste bat, «diseinu fasean» dagoena, moneta birtualen jabetza aitortzeko. Txartelak eta beste ordainketa modu batzuk ere zainduko ditu, bereziki «gailuen titularretan irregulartasunak detektatzen direnean eta zantzuak ikusten direnean eduki ekonomikorik gabeko fakturen inguruan». Era berean, aldundiak «ahalegin berezia» egingo du aurten COVID-19aren testuinguruan beren jarduera handitu duten enpresen gaineko kontrolean, eta, zehazki, argindarraren sektorekoetan: konpainia merkaturatzaileek betebehar guztiak betetzen dituzten kontrolatuko du. Sektore horretan eta besteetan ere, gertutik zainduko ditu batezbestekotik beherako errendimenduak aitortzen dituzten enpresak. Baita balio erantsi handiko zerbitzuak eskaintzen dituztenak eta hornitzaile eta txikizkako saltzaileen arteko operazioak ere. Ogasunak zordunen eta hartzekodunen konkurtsoan deklaratutako enpresen jarraipena eta kontrola handituko du, halaber. Eta «informazio bilketa selektiboak» egiten jarraituko du nazioarteko zerga sistemaren esparruan aritzen diren enpresen gainean: Bizkaian jarduten duten talde multinazionalei buruz, paradisu fiskalekin lotura duten zergadunei buruz, lurralde horretan bizi ez diren baina bertan jarduerak garatzen dituzten pertsonei buruz eta iruzur arriskua duten sektore ekonomikoetan jarduten duten zergadunei buruz.
2021-1-12
https://www.berria.eus/albisteak/192170/hego-eta-ipar-euskal-herriaren-arteko-muga-itxiko-dute-zortzi-lekutan.htm
Gizartea
Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko muga itxiko dute zortzi lekutan
Pirinio Atlantikoetako Prefeturak muga zeharkatzeko zortzi pasabide ixtea ebatzi du, «terrorismoaren aurkako borroka indartzeko». Bihar ezarriko dute neurria, eta ez dute zehaztu noiz arte iraunen duen.
Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko muga itxiko dute zortzi lekutan. Pirinio Atlantikoetako Prefeturak muga zeharkatzeko zortzi pasabide ixtea ebatzi du, «terrorismoaren aurkako borroka indartzeko». Bihar ezarriko dute neurria, eta ez dute zehaztu noiz arte iraunen duen.
Ostegunetik aitzina Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko zortzi pasabide ixtea erabaki du Pirinio Atlantikoetako Prefeturak, agiri batean jakinarazi duenez. «Terrorismoaren aurkako borroka indartzeko, Schengen espazioaren barneko mugaz gaindiko zirkulazioaren kontrola beharrezkoa» dela adierazi du prefeturak, eta azaldu duenez, kontrolak «indartu eta arrazionalizatzeko» hartu dute neurria. Prefeturaren hitzetan, aldi baterako itxialdi horiek «eragin mugatua» izango dute trafikoaren jariakortasunean eta mugaz gaindiko jarduera ekonomikoan. Oraingoz, ez dute zehaztu noiz arte iraunen duen pasabideen itxierak. Zehazki, hauek dira itxiko dituzten mugako bideak: Hendaia eta Hondarribia lotzen dituen itsasoko joan-jinkaria; Hendaiako merkantzia zubia; Lizuniagako lepoa; Lizarrietako lepoa; Sarako bidea, Berruet bentaren heinean; Izpegiko lepoa; Aldudeko ibarra; Iturzaetako lepoa. Gainerako pasabideak irekiak izanen dira. Hala, ibilgailuak eta oinezkoak eremu hauetatik pasatzera gomitatu ditu prefeturak: Hendaia eta Irun arteko Santiago zubia, Pausuko zubia eta Biriatuko muga; Ibardineko lepoa, Dantxariako muga eta Arnegi. Prefeturak azaldu duenez, Frantziako Barne Ministerioarekin eta Espainiako Gobernuak Nafarroan eta Euskal Autonomia Erkidegoan dituen ordezkariekin hitzartuta hartu du muga partzialki ixteko erabakia. Hendaia, Sara (Lapurdi), Urepele, Baigorri (Nafarroa Behera) eta Larraineko (Zuberoa) auzapezek prefeturaren gutuna eskuratu zuten atzo, itxieraz abisua emateko. Ez da lehen aldia Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko mugan kontrolak indartzen dituztena. Azaroaren 5ean, Frantzia eta Espainia arteko mugako eremuetan polizia kopurua bikoiztuko zutela erran zuen Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, «immigrazio klandestinoari» aurre egiteko. «2.400 ez, 4.800 polizia, jendarme eta militar mobilizatuak izanen dira operazio honetarako». Garai berean, Ipar Euskal Herriko konfinamendu neurriak esplikatzeko prentsaurrekoan, «terrorismoaren aurkako borrokaren» testuinguruan 500 polizia eta jendarme gehiago mobilizatuko zituztela iragarri zuen Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetak. Azken hilabeteetan ugariak izan dira mugako kontrolak. Ondorio kaltegarriak Neurri zorrotzagoak ere izan dira aurten. COVID-19ak eragindako osasun krisiaren testuinguruan, Frantziak eta Espainiak Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko muga ixtea erabaki zuten iazko martxoaren 17an, birusari aurre egiteko konfinamendu neurriak ezartzearekin batera. Ekainaren 21ean ireki zuten berriz, baina artean anitz mugatu zituzten joan-etorriak; baimen berezia zutenak baizik ez ziren alde batera edo bestera pasatzen ahal. Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdeko ordezkarien hitzetan, itxiera hark «kalteak» eragin zituen oro har, eta «eragin negatiboa» izan zuen mugaz gaindiko herritarrengan eta langileengan. Udaberriko konfinamenduan galdetegi bat zabaldu zuten, eta 2.400 herritarrek erantzun zuten; uztailean eman zituzten inkestaren emaitzak. Ondorioa argia da: «Europako Batasuneko estatu kideek Schengen eremuaren barruan Europako herritarren mugikortasunari ezarritako murrizketek eta kontrolek askatasunak etetea eragin dute».
2021-1-12
https://www.berria.eus/albisteak/192171/gorritxoek-atzerapausoa-eman-dute-granadan.htm
Kirola
Gorritxoek atzerapausoa eman dute Granadan
Osasunak ez du azken lehietako talde sendoaren antzik izan, eta esku hutsik gelditu da. Korner bidez jaso ditu golak, lehen zatian. Oldartu da gerora, baina ideia handiegirik gabe
Gorritxoek atzerapausoa eman dute Granadan. Osasunak ez du azken lehietako talde sendoaren antzik izan, eta esku hutsik gelditu da. Korner bidez jaso ditu golak, lehen zatian. Oldartu da gerora, baina ideia handiegirik gabe
Osasunari brastakoan eten zaio gaur azkenaldiko garapena, Granadaren zelaian galduta. Puntuak aleka bildu zituen azken lau jardunaldietan; gaur, aldiz, esku hutsik gelditu da. Laugarren jardunaldiko atzeratutako partida zen, mahukan gordetako karta baten antzekoa, alegia, eta gorritxoek alferrik galdu dute. Hori horrela, hiru puntura gelditu zaie salbazioa. Nafarroako taldea defentsako hobekuntzari esker ari zen suspertzen. Kapaza izan zen Anoetan Realaren erasoko emaria idortzeko, eta Real Madrilen kontra, hutsean utzi zuen atea hamaika partidaren ostean. Oinarria sendotuta, partidaz partida hazten ari zen gorritxoen konfiantza, eta garaipen preziatuak gertuago zirudien. Alabaina, gaur pitzadura berri bat sortu zaie zimenduetan, eta Granadak erraz eraitsi ditu. Bi korner aski izan dira Diego Martinezen taldea atsedenera 2-0eko markagailuarekin iritsi zedin. Erabakigarria izan da Calleri, eta ez onerako preseski. Azken lehietan amesgaiztoa izan da aurkarien atzelarientzat; gaur, ordea, bere taldekideei sortu dizkie buruhausteak, defentsan bere alea jartzen saiatzean. Neurketak hasiera lehiatua eta nahasia izan du, eta aurrelari argentinarrak egindako huts batek sortu du desoreka, 22. minutuan. Gaizki urrundu du baloia Granadaren korner batean, eta Luis Suarezi iritsi zaio bigarren zutoinean. Kolonbiarra harrapakari petoa da, eta behartuta bada ere, ezkerrez jaurtiketa zehatza egin du. Herrerak ezin izan du ezer egin. Hortik oso gutxira, baina, geldiketa erabakigarria egin dio Machisi. Venezuelarra bakar-bakarrik gelditu da ate aurrean, baina haren errematea hankarekin ezereztu du Herrerak. Osasuna erreakzionatzen hasi da apurka, eta 33. minutuan abisu serioa egin du. Lau gorritxo gelditu dira Granadako bi atzelariren kontra, baina mugimenduak ez dira onak izan; eta jokaldia gelditu ostean, zartakoa gora joan zaio Moncayolari. Emaitzari eustearekin aski zuten etxekoek, eta halako batean, 2-0ekoa egin dute, lehen zatiko luzapenean. Berriz ere korner batean jaso du gola Osasunak, eta berriz ere Calleriren huts baten ondorioz. Haren keinuak ezustean harrapatu du Herrera, eta Machisen erdiraketa inork errematatu gabe joan da sareetara. Nafarrek ez dute amore eman, eta grinatsu ekin diote bigarren zatiari. Jarrera onak, baina, ez ditu lagun izan sormena eta argitasuna, eta izan diren geldialdi ugariek ere ez dituzte Jagoba Arrasaterenak batere lagundu. Hori horrela, burumakur eta kezkatuta bukatu dute norgehiagoka. Ezin da bestela izan, dagoeneko hamabi neurketa baitaramatzate irabazi gabe. Orain, gainera, karta bat gutxiago dute putzutik atera ahal izateko.
2021-1-13
https://www.berria.eus/albisteak/192197/kongresuak-hala-eskatu-arren-pencek-ez-du-trump-kargugabetuko.htm
Mundua
Kongresuak hala eskatu arren, Pencek ez du Trump kargugabetuko
Aldeko 223 botorekin onartu du AEBetako Ordezkarien Ganberak Penceri eskaera egitea. Presidenteordeak uko egin dio Trump kargugabetzeari, egoera «are gehiago sutuko» lukeela argudiatuta.
Kongresuak hala eskatu arren, Pencek ez du Trump kargugabetuko. Aldeko 223 botorekin onartu du AEBetako Ordezkarien Ganberak Penceri eskaera egitea. Presidenteordeak uko egin dio Trump kargugabetzeari, egoera «are gehiago sutuko» lukeela argudiatuta.
AEBetako Kongresuak Donald Trump presidente kargutik kentzeko prozesua hasteko eskatu dio, formalki, Mike Pence presidenteordeari, gehiengo demokratak onartutako ebazpen baten bidez. Bozketaren aurretik, ordea, Pencek adierazi du ez duela halakorik egingo: «Ez dut uste ekinbide hori onena denik gure nazioarentzat, ez eta oinarri konstituzionalik duenik ere». Presidenteordearen esanetan, erabaki horrek «aurrekari ikaragarri bat» ezarriko luke. Hala, impeachment prozesuarekin jarraituko dute demokratek. Ordezkarien Ganberan egitear zen bozketaren aurretik presidenteordeak bere ikuspegia argi adierazi badie ere, demokratek aurrera jarraitu dute, eta ofizial egin AEBetako Konstituzioko 25. eranskina martxan jartzeko eskaera. Hala, 223 ordezkarik egin dute Trump kargugabetzeko eskaeraren alde, eta 205ek kontra. Adam Kinzinger izan da demokratekin bat egin duen ordezkari errepublikano bakarra. Ebazpenak Penceri eskatzen dio adierazteko Trump ez dela gai «bere karguak eskatzen dizkion beharrei aurre egiteko», argudiatuta «osasun arazoak» dituela. Hala, demokratek presidenteordeari exijitzen diote hark har dezan presidente kargua behin-behinean. Bozketa, baina, tramite huts bilakatu da, ezin baitu Pence behartu prozesua abiatzera, eta presidenteordeak aurrez adierazi zion Kongresuko presidente Nancy Pelosiri ez zuela halakorik egingo, egungo egoera «are gehiago sutuko eta banatuko luketen ekintzak» eragozteko: «Aurreko astean ez nien men egin nire autoritate konstituzionaletik kanpo aritzeko presioei, bozen emaitzetan eragiteko, eta orain ez dut etsiko Ordezkarien Ganberaren aurrean, egoera hain serioaren aurrean joko politikoetan aritzeko». Hitz horiekin, Kongresuari ez ezik, Trumpi ere bidali dio mezu bat Pencek. Hura izan baitzen aurreko astean Joe Bidenen garaipenaren baieztapenaren aurka egiteko eskatu ziona. The New York Times egunkariak argitaratu duenez, «abertzale baten gisa pasatu zaitezke historiara», adierazi zion presidenteak haren bigarrenari. Ebazpena onartuta, 24 orduko epea emango diote Penceri iritzia aldatzeko, eta, hala egin ezean, Trumpen aurkako impeachment prozesuarekin jarraituko dute, bigarren aldiz urtebetean. Demokratek «matxinada bultzatzea» egozten diote, Kapitolioan gertatutakoaren ostean, eta, Adam Kizingerren babesaz gain, Liz Cheney, John Katko eta Fred Upton errepublikanoena ere izango lukete. Aurrera jarraituz gero, jada Biden presidente karguan dela gauzatuko litzateke. Helburua, beraz, ez litzateke Trump kargutik kentzea, hura berriz aurkezteko aukera eragoztea baizik. «Zero» aukera Azken egunetako isilunearen ostean, Trump berriz agertu da mikrofonoen aurrean, eta Kapitoliora joateko egin zuen deia «guztiz aproposa» izan zela adierazi du. AEBen eta Mexikoren artean eraikitzen ari diren hesia bisitatzen ari da presidentea, Texasen, eta Pencek haren aurka egiteko aukerak «zero» direla uste du: «25. eranskinak ez du arriskurik niretzat, baina Joe Bidenek eta haren administrazioak ordainduko dute». Bere aurkako bigarren impeachment prozesua, berriz, «sorgin ehizatzat» jo du.
2021-1-13
https://www.berria.eus/albisteak/192198/liberoamerikak-deialdi-bat-egin-du-idazle-gazteen-literatur-lanak-jasotzeko.htm
Kultura
Liberoamerikak deialdi bat egin du idazle gazteen literatur lanak jasotzeko
Oraingoan, Izotzetan islatuak estreinako liburukoak baino testu luzeagoak eskatu dituzte. Hala ere, funtsean, xede bera dute: gazteek idatzitako literatura argitaratzea; eta «berritzailea» bada, hobe.
Liberoamerikak deialdi bat egin du idazle gazteen literatur lanak jasotzeko. Oraingoan, Izotzetan islatuak estreinako liburukoak baino testu luzeagoak eskatu dituzte. Hala ere, funtsean, xede bera dute: gazteek idatzitako literatura argitaratzea; eta «berritzailea» bada, hobe.
Gazteen literatur lanak plazara ateratzeko bide bat zabaldu du Liberoamerica literatur plataformak, eta helburu horrekin berarekin aritzen da lanean Liberoamerika, plataforma horren euskarazko adarra. Iaz, Euskal Herriko 24 idazle gazteren askotariko testu laburrak jaso zituzten Izotzetan islatuak. Euskal idazle gazteen bilduma izeneko liburuan. Bide berari jarraituz zabaldu dute bigarren deialdia: lan gehiago argitaratu nahi dituzte. 30 urte baino gutxiago dituzten idazleen euskarazko lanak jaso nahi dituzte, 40 eta 80 orrialde artekoak; aurreko antologian argitaratutakoak baino askoz ere luzeagoak —muga hiru orrialdekoa zen orduko hartan—. Lanak posta elektronikoaren bidez bidali behar dira, liberoamerika.euskara@gmail.com helbidera. Egileek biografia labur bat bidali beharko dute testuarekin batera. Ez diete bestelako mugarik ezarri parte hartzaileei, baina, gazteen lanak ez ezik, «literatura berritzailea» ere sustatu nahi dute plataformakoek; beraz, hobetsiko dituzte «literatura tradizionalarekin apurtzen duten» testuak: «poema bildumak, narrazio laburrak, prosa poetikoa, egunerokoak, intertestuak, lan hibridoak eta literatura esperimentala», besteak beste. Izan ere, Leire Alonso, Iosune de Goñi eta Ane Garcia plataformako kideek adierazi dute «leku berezi bat» egin nahi dietela feminismoari, esperimentazioari eta aniztasunari. Aurreko liburua argitaratu zutenean, ohartu ziren bazela errepikatzen zen gai bat: gorputzarena. «Gorputzari eta norbere buruari buruzko gogoetak, zer eta nor garen. Horregatik jarri nahi genuen islaren ideia izenburuan», azaldu zuen Alonsok. Nagore Fernandez literatur kritikariak honela deskribatu zuen lan hori BERRIAn egindako kritika batean: «Forma askotako piezek osatzen duten puzzle eklektiko baina bateratu bat». Fernandezen esanetan, identitatearen auzia da puzzle horretako askotariko piezak lotzen dituen harietako bat.
2021-1-13
https://www.berria.eus/albisteak/192199/amiantoa-arnasteagatik-gaixotutako-langile-bat-hil-da.htm
Ekonomia
Amiantoa arnasteagatik gaixotutako langile bat hil da
Mungiako Brunnschweiler enpresan egin zuen lan.
Amiantoa arnasteagatik gaixotutako langile bat hil da. Mungiako Brunnschweiler enpresan egin zuen lan.
Aurtengo lehen lan istripu hilgarriaren biharamunean zabaldu da amiantoak urteko lehen biktima eragin duela. ELAk eman du horren berri, baina ez du hildakoaren izena jakinarazi. Soilik hamazazpi urtez egin zuela lan Brunnschweiler enpresan, Mungian (Bizkaia). Hain zuzen ere, lurrun instalazioak mantentzeaz eta muntatzeaz arduratu zen, eta haren zeregin nagusietako bat zen amiantoz estalitako hodiak desegitea soplete bidezko ebaketaren bidez, «jakin gabe ebaketa lan horietan amianto zuntzak arnasteak osasunerako zer arrisku zekartzan». Gizarte Segurantzak 2019ko urrian aitortu zion langileari bere gaixotasuna amiantoaren hautsa arnastearen ondorio zuela, eta ezintasun absolutua eman zion. «Heriotza horrek, berriz ere, bere gordintasun osoan kokatzen gaitu, amiantoarekin kontaktuan egotearen ondoriozko lanbide gaixotasunen dramaren aurrean. Gaitza gero eta handiagoa da, eta dimentsio ia pandemikoa du; hori guztia, kontrol publiko eskasaren ondorioz eta joan den XX. mendean enpresek segurtasun neurririk hartu ez izanaren ondorioz», azaldu du ELAk.

 Haren familiak, ordea, ezingo dizkio enpresari kontuak eskatu, jada desagertuta dagoelako. «Ondorengoentzako babesgabetasun juridikoa» eragozte aldera, ELAk premiazkotzat jo du Amiantoaren Biktimentzako Konpentsazio Funtsa sortzea, langileei eta haien familiei estaldura emateko, baita gaixotasuna eta ondorengo heriotza enpresa desagertu ondoren sortzen diren kasuetan ere. Funts hori sortzeko eskatu dio hiru aldiz Eusko Legebiltzarrak Espainiako Kongresuari, hark duelako eskumena, baina gaia blokeatuta dago.
2021-1-13
https://www.berria.eus/albisteak/192200/garamendik-dio-espetxeen-eskumena-eskualdatzeak-ez-duela-presoen-irteera-azkartuko.htm
Politika
Garamendik dio espetxeen eskumena eskualdatzeak ez duela presoen irteera azkartuko
Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburuak dio presoen irteerak «espetxe araudiaren eta egungo legeriaren arabera» gauzatuko direla.
Garamendik dio espetxeen eskumena eskualdatzeak ez duela presoen irteera azkartuko. Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburuak dio presoen irteerak «espetxe araudiaren eta egungo legeriaren arabera» gauzatuko direla.
Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak gertu dute espetxeetako eskumenaren transferentzia. Abenduaren 30ean, Jaurlaritzak jakinarazi zuen bi gobernuek aurrerapausoak egin zituztela eskumen hori eskualdatzeko, eta zirriborro bat adostua zutela. 1979ko estatutuan jasota baina oraindik eskualdatu gabe dauden eskumenak transferitzeko egutegia eguneratu zuen, urrian, Espainiako Gobernuak, eta proposamen berria igorri zion Eusko Jaurlaritzari. Plan berriaren arabera, bi gobernuek martxorako itxiko dituzte bigarren blokeari buruzko elkarrizketak: besteak beste, espetxeetako eskumena dago zerrenda horretan. Eskumen eskualdaketa horrek, ordea, ez du azkartuko euskal espetxeetan dauden presoak kartzelatik irteteko prozesua, hori «espetxe araudiaren eta egungo legeriaren arabera» gauzatuko delako eta eskumen horrek Madrilen esku jarraituko duelako. Hala azaldu du Olatz Garamendi Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburuak, Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean. 23 euskal preso daude Besarkada Etxean, Zaballan (Araba), Basaurin (Bizkaia), Martutenen, Aita Mennin (Arrasate, Gipuzkoa) eta Iruñean, eta horien irteerari buruz galdetu diote Garamendiri. Hark gogorarazi du espetxe legeriak estatuaren eskumenen artean egongo dela aurrerantzean ere, eta Jaurlaritzaren egitekoa izango dela «zentroen antolaketa eta espetxe legeria hori gauzatzea». «Presoen bizimodua antolatu ahal izango dugu, eta preso horien tratamendu politika propioak ezarri ahal izango ditugu; lan munduratzeari, lan heziketari, hezkuntzari eta abarri buruzkoak», erantsi du Garamendik. 42 urte beteko ditu aurten Gernikako Estatutuak, eta oraindik Madrilen esku dauden eskumen ia guztiak transferitzeko negoziazioetan ari dira Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua. Ildo horretan, Garamendik esan du, «denborak baino gehiago, garrantzitsuena segurtasun osoz aurrera egiten jarraitzea» dela, lehen blokeko ahalik eta eskumenik gehien transferitzeko. Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea otsailean dira batzartzekoak, eta sailburuak ziurtzat jo du eskumenen egutegia mahai gainean egongo dela.
2021-1-13
https://www.berria.eus/albisteak/192201/ireki-dute-lilatoian-izena-emateko-epea.htm
Kirola
Ireki dute Lilatoian izena emateko epea
Martxoaren 5etik 8ra egingo da, eta korrikalariek norberak nahi duen lekuan egin beharko dituzte bost kilometro, eremu ireki eta lau batean. Antolatzaileek sakelako telefonoko aplikazio batekin jasoko dituzte denborak. Oinez edo ibilketa nordikoan arituz ere parte hartu ahal izango da.
Ireki dute Lilatoian izena emateko epea. Martxoaren 5etik 8ra egingo da, eta korrikalariek norberak nahi duen lekuan egin beharko dituzte bost kilometro, eremu ireki eta lau batean. Antolatzaileek sakelako telefonoko aplikazio batekin jasoko dituzte denborak. Oinez edo ibilketa nordikoan arituz ere parte hartu ahal izango da.
Lilatoiak ireki du aurtengo lasterketan izena emateko epea. Ezohikoa lasterketa izango da aurtengoa, COVID-19ak baldintzatua. Urtez urte handituz joan da korrikalari kopurua, eta, iaz, 6.545 korrikalarik eman zuten izena. Kopuru horretara iritsita, ezinezkoa da aurten Lilatoia orain arte egin den moduan egitea, baina Atletico San Sebastian kirol klubak ez dio hutsik egin antolatzeari. 32. lasterketa izango da, eta Lilaton, aurten ere ON! da leloa. «Lasterketa birtuala» deitu diote antolatzaileek, ez delako kirolarien arteko aurrez aurreko karrera bat izango. Baina lasterka egin egingo da, aukeratutako modalitatean: korrikalariek, aurten, norberak nahi duen lekuan egin beharko dute bost kilometroko ibilbide bat, laua, lau eguneko tarte batean; beraz, lehen aldiz munduko edozein lekutatik egin ahal izango da korrika. Areto itxi batean edo korrika zintan aritzeak ez du balioko. Sakelako telefonoko aplikazio baten bidez jasoko dituzte denborak antolatzaileek, eta hala osatuko dute sailkapena. «Lortu duguna da gure sakelakoa txip bihurtzea», diote antolatzaileek. Taldeka ere parte hartu ahal izango da. Hamar kirolari artekoak izango dira taldeak, eta hortik gorakoa osatu nahi dutenei antolatzaileekin harremanetan jartzeko eskatu diete, posta elektronikoz edo WhatsAppez 652-75 45 58 telefono zenbakira idatziz. Lau modalitate Oraindik ez dute jakinarazi zein izango den aplikazioa; aurki kanal ofizialetan jakinaraziko dutela iragarri dute. Aplikazio hori jaitsi ondoren, martxoaren 5etik martxoaren 8ra bitartean egin behar da korrika. Aurten, oinez edo ibilketa nordikoan arituz ere parte hartu daiteke. Beste hiru modalitateak hauek dira: korrika, patinak eta eskuko bizikleta. Martxoaren 4ko 23:55ak arte egongo da irekita izena emateko epea. Lau euro kostatzen da izena ematea, eta parte hartzeaz gain elastikoa jaso nahi duenak 11 euro ordaindu beharko du. Elastikoa martxoaren 1etik 8ra bitarte jaso ahal izango da Donostian, Bilbon, Iruñean, Gasteizen, Irunen, Tolosan, Eibarren edo Zumarragan, eta, horretarako, otsailaren 21a baino lehen eman behar da izena. Korrikalari bakoitzak bost elastiko ere eskatu ahal izango ditu, bakoitzagatik zazpi euro ordainduta. Webgune ofizialean antolatzaileek gogorarazi dute gizonek ezin dutela Lilatoian parte hartu, eta azpimarratu dute emakumeak soilik sartuko dituztela sailkapen ofizialean. «Ez dugu ahaztu behar ekitaldi honek berdintasuna aldarrikatzen duela bere lehen egunetik, eta egun honetan emakumearen protagonismoa funtsezkoa da desberdintasuna desagerrarazteko borrokarako; eta, horretarako, ezin bestekoa da gizonaren babesa».
2021-1-13
https://www.berria.eus/albisteak/192202/altsasuko-gazteen-defentsak-estrasburgora-jo-du.htm
Politika
Altsasuko gazteen defentsak Estrasburgora jo du
Epaile inpartzial bat izateko eskubidea urratu zaiela salatu dute, eta aurkeztutako frogak ez zaizkiela onartu.
Altsasuko gazteen defentsak Estrasburgora jo du. Epaile inpartzial bat izateko eskubidea urratu zaiela salatu dute, eta aurkeztutako frogak ez zaizkiela onartu.
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak kasuak izan ditzakeen eskubide urraketak ikertzeari uko egin ostean, Altsasuko auziagatik zigortutako gazteen defentsak azaroan adierazi zuen Estrasburgora jotzeko erabakia hartu zuela. Hala, gaur Naiz.eus-ek jakinarazi du hainbat helegite jarri dituztela Giza Eskubideen Europako Auzitegian. Orain, helegitea tramiterako onartuko duen erabaki beharko du auzitegiak. Naiz.eus-en arabera, gazteen defentsek epaile inpartzial bat izateko eskubidearen urraketan jarri dute arreta. Horren atzean Concepcion Espejel Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko lehen aretoko epaileak kasua eraman izana dago. Hura Guardia Zibileko koronel batekin ezkonduta dago, eta Merezimenduzko Saria eman zion erakunde armatuak. Hala, 2018an Auzitegi Nazionalaren aurrean helegite bat jarri zuen akusatutako zortzi gazteen defentsak, epaileak Guardia Zibilarekin «ageriko lotura afektibo eta psikologikoak» dituela argudiatuta. Kasu hartan, auzitegiak ez zuen onartu, Espejelek berak ebatzita eskakizuna epez kanpo egina zela. Era berean, Zigor Arloko lehen aretoaren epaia berretsi zuen Auzitegi Nazionaleko apelazio salaren aurka ere jo du defentsak. Kasu horretan, epaimahaia osatzen zuten hiru epaileetatik bik ere, Jose Ramon Navarrok eta Eloy Velascok, Guardia Zibilaren domina bana jaso dutela argudiatuta. Bestetik, prozesu justu bat izateko eskubidea urratu izana ere salatu dute. Besteak beste, kasuaren instrukzioan hainbat froga eta lekuko aurkeztea galarazi izana. Besteak beste, Adur Ramirez de Alda beste arropa batzuekin herriko frontoian ageri zen bideo bat, eta liskarraren ostean guardia zibiletako bat ustezko erasotzaileen bila ari den beste bat, Iñaki Abadek grabatua. Azken horretan ikus daiteke guardia zibilak ez duela inor identifikatzen. Gazteen egoera Agintaritzaren aurkako atentatua egitea, eta desordena publikoa eta lesioak eragitea egoitzita, ondorengo espetxe zigorretara kondenatu zituzten gazteak: hamahiru urte Oihan Arnanzi; hamabi urte Jokin Unamuno eta Ramirez de Aldari; bederatzi urte Jon Ander Cobi, Aratz Urruzolari eta Julen Goikoetxeari; sei urte Abadi (apelazio salak murriztu zion); eta bi urte Ainara Urkijori. Hala, 2019ko abenduan atera ziren hirugarren graduan Abad eta Urrizola. Iazko uztailean atera ziren espetxetik, berriz, Arnanz, Ramirez de Alda eta Unamuno. Cob eta Goikoetxea, ordea, bigarren graduan daude, eta lan egiteko eta ikasteko bakarrik dute kartzelatik irteteko aukera.
2021-1-13
https://www.berria.eus/albisteak/192203/lisa-montgomery-aebek-67-urtean-exekutatu-duten-lehen-emakumea.htm
Mundua
Lisa Montgomery, AEBek 67 urtean exekutatu duten lehen emakumea
Heriotza zigorra ezarri zioten 2004an, haurdun zegoen emakume bat hil eta haren fetua hartzea leporatuta. Abokatuak horren kontra agertu izan dira, argudiatuz abusuak jasan zituela umetatik eta arazo psikologikoak zituela.
Lisa Montgomery, AEBek 67 urtean exekutatu duten lehen emakumea. Heriotza zigorra ezarri zioten 2004an, haurdun zegoen emakume bat hil eta haren fetua hartzea leporatuta. Abokatuak horren kontra agertu izan dira, argudiatuz abusuak jasan zituela umetatik eta arazo psikologikoak zituela.
Lisa Montgomery presoa exekutatu dute AEB Ameriketako Estatu Batuetan. Heriotzaren korridorean zegoen emakume bakarra zen, eta injekzio hilgarri bat jarri diote gaur, Indianako espetxe batean. Epaile batek bertan behera utzi zuen exekuzioa atzo, Montgomeryk buruko arazoak zituela argudiatuz, eta haren egoera aztertzeko eskatu zuen, baina Auzitegi Gorenak atzera bota du erabaki hori. Kelley Henry abokatuak adierazi du exekuzioan parte hartu dutenek «lotsa» sentitu behar luketela. «Gobernuak emakume kolpatu eta eri hau hiltzeko setari eutsi dio», esan du ohar batean. «Lisa Montgomeryren exekuzioa justiziatik urrun dago». Azken 67 urteetan AEBek exekutatu duten lehen emakumea da. Presoak 52 urte zituen. 2004. urtean atxilotu zuten, eta zera egotzi zioten: zortzi hilabeteko haurdun zegoen 23 urteko emakume bat itotzea eta haren fetua umetokitik atera eta bahitzea. Emakumea odolustuta hil zen, eta haurra onik jaio zen. Abokatuek adierazi izan dute emakumeak buruko arazoak zituela eta abusuak jasan izan zituela umetatik. 2008. urteaz geroztik, Montgomery behar psikologiko bereziak dituzten presoentzako espetxe federal batean izan zuten preso, Texasen, bakarturik. Abokatuek ohartarazi izan zuten exekuzioa ez zela bide egokia. Hilketa gertatu zenean egoera psikotikoan zegoela esan izan dute, errealitatetik aparte. Heriotza zigorraren kontra aritu izan dira beste hainbat legelari ere; besteak beste, 41 fiskal eta Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarra. Azaldu izan dute Montgomeryren amak asko edan zuela haurdunaldian, eta fetu alkoholikoaren sindromearekin jaio zela erakutsi izan dute zenbait medikuk. Amak jo egin zuen, baita Diane Mattingly ahizpa nagusia ere, eta, haien aita etxetik joan zenean, amaren mutil lagunek ere tratu txarrak eman izan zizkieten, Mattinglyk berak kontatu zuenez. Urte luzez jasan zituen sexu abusuak. Henry abokatuak esan du ingurukoek bazutela gertatzen zenaren berri, eta inork ez zuela ezer egin. 18 urte zituenean, Montgomery bere anaiorde batekin ezkondu zen. Lau seme-alaba izan zituzten bost urtean, eta haren anaietako batek aditzera eman zuen senarrak ere jo eta bortxatu egiten zuela. Montgomery senarrarengandik banandu zen, eta beste gizon batekin ezkondu. Orduan, haurdun zegoela esan ohi zuen, nahiz eta antzutu egin zuten laugarren umeaz erditu eta gero. Abokatuek krimena azaltzeko proposatu dituzten teorietako bat da Montgomery beldur zela bere senar ohiak haurdunaldiari buruzko gezurra agerian utziko ote zuen, haurren zaintzaren auzian haren kontra erabiltzeko. Montgomeryk txakurren zaintzaren inguruko Interneteko foro batean ezagutu zuen Bobbie Jo Stinnett. Biek haurdun zeudela esan zioten elkarri, eta ernaldiari buruzko istorioez aritu ziren. Egun batean, Montgomeryk 280 kilometroz gidatu zuen autoa, Stinnetten etxeraino, eta ito egin zuen. Biden, zigorraren kontra 2020ko uztailera arte, AEBetan ez zen exekuzio federalik gertatu azken hamazazpi urteetan. Zigorren kopurua ere murrizten ari da. Iaz, hemezortzi heriotza zigor ezarri zituzten, eta azken 30 urteetan izandako exekuzio kopururik apalena erregistratu zuten. Joe Biden presidente hautetsiak heriotza zigorra amaitzeko asmoa adierazi izan du, nahiz eta ez duen horretarako egunik jarri.
2021-1-13
https://www.berria.eus/albisteak/192204/arabako-bizkaiko-eta-gipuzkoako-eskoletan-2000-haur-gutxiago-matrikulatu-dira-2018tik.htm
Gizartea
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskoletan 2.000 haur gutxiago matrikulatu dira 2018tik
Jaurlaritzak iragarri du aurrematrikulazio kanpaina datorren astelehenean hasiko dela. Prozesu osoa Internetez egiteko aukera izango dute familiek, eta dokumentuak ikastetxera eraman nahi dituztenek aurrez txanda eskatu beharko dute.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskoletan 2.000 haur gutxiago matrikulatu dira 2018tik. Jaurlaritzak iragarri du aurrematrikulazio kanpaina datorren astelehenean hasiko dela. Prozesu osoa Internetez egiteko aukera izango dute familiek, eta dokumentuak ikastetxera eraman nahi dituztenek aurrez txanda eskatu beharko dute.
Datorren astelehenean, hilaren 18an, hasiko da Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako aurrematrikulazioa Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetan. Horren berri emateko, agerraldia egin dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek, sailburuorde Begoña Pedrosak eta Eugenio Jimenez Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendariak. Orotara, 15.300 ikasle ingururi zuzendu diete deialdia. Jaiotza tasaren apaltzea nabaritzen hasi dira ikasgeletan ere. Bildarratzek emandako datuen arabera, 2018tik 2.000 haur inguru gutxiago matrikulatu dira, eta joera ez da askoz hobea: egin dituzten ikerketek %20ko jaitsiera iragartzen dute. Euskal eskola publikoa: nirea, zurea, gurea lelopean abiatu dute kanpaina. Egutegia ere zehaztu du Bildarratzek: familiek urtarrilaren18tik 29ra izango dute aukera eskaerak eta agiriak aurkezteko; otsailaren 16an, eskatzaileen zerrendak argitaratuko dituzte; martxoaren 9an, behin-behineko zerrendak argitaratuko dituzte; erreklamazioak egiteko aukera izango dute martxoaren 16ra arte; martxoaren 23an, behin betiko zerrendak argitaratuko dituzte; eta errekurtsoak aurkezteko aukera izango dute apirilaren 23ra arte. Duela bi urte hartu zuten irizpideari jarraituz, familiek gehienez hamabi ikastetxe aukeratzeko aukera izango dute, euren lehentasunen arabera sailkatuta. «Familiek beti izango dute ziurtatua haiek baino puntu gutxiago dituzten familien aurretik joatea», azpimarratu du Bildarratzek. Aurrematrikulazio prozesu osoa Internet bidez egiteko aukera ere egongo da, eta Pedrosak Ikasgunea ataria erabiltzera animatu ditu gurasoak. Hala egin nahi dutenek aukera izango dute beharrezko dokumentazioa ikastetxera bertara eramateko, baina aurrez ordua hartu beharko dute, jende ez pilatze aldera. Familia ugariei dagokienez, ez dute ezaugarri hori ziurtatzen duen dokumenturik aurkeztu beharko, eta Hezkuntza Saila arduratuko da egiaztapena egiteaz. Duela bi urte onartutako beste berrikuntza bati ere eutsiko diote: LHtik DBHra joatea tokatzen zaien ikastetxe publikoetako ikasleek ez dute aurrematrikulaziorik egin beharrik izango, betiere euren ikastetxeari dagokion institutura joaten badira eta ez badute hizkuntza eredua aldatzen. «Familia batek ez badu eskaerarekin egiten, automatikoki ulertuko da haien ikastetxeari esleitutako institutuan jarraitu nahi dituela ikasketak, eta hizkuntza eredu berean». Orotara, 700 ikastetxe izango dituzte aukeran familiek: 2 urteko seme-alabak eskolatuko dituzten gurasoek 541 ikastetxeren artean aukeratu beharko dute, 542 eskolatan eskainiko dute Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, 533tan emango dute Lehen Hezkuntza, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako 327 ikastetxe egongo dira. Horietako %60 pasatxo dira sare publikokoak. Aurreko urteko datuei erreparatuta, hiru ikastetxe gutxiago egongo dira LHrako, eta bi gutxiago DBHrako. Koronabirusa protagonista Kazetarien galderei erantzunez, koronabirusa ikastetxeetan izaten ari den eragina ere aipatu du Bildarratzek —Gabonetako oporrak hasi zirenetik ez dute itxitako ikasgelei eta ikastetxeei buruzko daturik eman—. Haren hitzetan, datuak «esanguratsuak» ez badira ere, hamahiru gela daude itxita Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetan; hau da, ikasgelen %0,07.
2021-1-13
https://www.berria.eus/albisteak/192205/eke-elkar-literatura-bekak-ordezkatuko-du-gazteluma-sariketa.htm
Kultura
EKE-Elkar literatura bekak ordezkatuko du Gazteluma sariketa
Iparraldeko idazleentzat izango da lehiaketa berria ere, baina Hegoaldekoek ere parte har dezakete. Bi urtetik behin antolatuko da, eta zabalik da aurtengo deialdia dagoeneko.
EKE-Elkar literatura bekak ordezkatuko du Gazteluma sariketa. Iparraldeko idazleentzat izango da lehiaketa berria ere, baina Hegoaldekoek ere parte har dezakete. Bi urtetik behin antolatuko da, eta zabalik da aurtengo deialdia dagoeneko.
Elkar Argitaletxeak eta EKE Euskal Kultur Erakundeak 2000. urtean sortu zuten Gazteluma beka. Bi urtetik behin antolatu da lehiaketa ordutik, eta Iparraldeko idazle gazteak euskaraz idaztera bultzatzea izan du helburu. Antolatzaileek, baina, «beste bultzada bat» eman nahi izan diote orain, eta EKE-Elkar literatura beka sortu dute hura ordezkatzeko. Donostian aurkeztu dute gaur goizean. Sariketa berriak Gazteluma bekaren oinarriei eutsiko die oro har, eta, beraz, lehiaketara aurkeztuko diren lanak «Iparraldeko euskara batuan» sortuak izan beharko dira. Izendapena jaso duten literatur proiektuen egileek 6.000 euroko laguntza jasoko dute lana urtebeteko epean garatu ahal izateko. Lana Elkar argitaletxeak argitaratuko du ondoren. Bi urtetik behin egingo dute deialdia, baina, orain arte ez bezala, antolatzaileek genero bat aukeratuko dute edizio bakoitzean. Aurten, komikia edo nobela grafikoa izango da aukeratutako generoa, beraz, sariketara aurkeztu nahi duten proiektuek genero horretakoak izan beharko dute nahitaez. Generoa aldatu egingo dute deialdi bakoitzean. Beste berrikuntza sortzaileei lotuta dago; izan ere, beka berria Iparraldeko idazleentzat bada ere, Hegoaldekoek ere parte hartzeko aukera izango dute, baldintza batekin, betiere: literatur proiektuaren egileetako batek Iparraldean jaiotakoa edota bizi dena izan behar du. Ez da adin mugarik egongo, halere. Aurtengo deialdia dagoeneko zabalik da, eta proiektuak maiatzaren 31ra arte aurkez daitezke. Irabazlea nor den lau kidez osatutako epaimahai batek erabakiko du, ekainean. Nolanahi ere, lehiaketa irabazlerik gabe uzteko aukera izango da, behar adinako kalitatezko lanik ez dela aurkeztu erabakiko balute epaimahaikideek. Joxe Mari Sors Elkar Fundazioko lehendakariak adierazi duenez, beka berriaren helburu nagusia da Ipar Euskal Herrian dauden sortzaileei «ikusgarritasuna eta zabalkundea euskararen lurralde osora» zabaltzea. Izan ere, haren irudikoz, Gazteluma sariketa Iparraldera soilik «mugatuta» geratu da urteen joanarekin, eta idazleei eta haien lanei ez zaie behar bezalako zabalkundea eman Hegoaldean. «Gure ekarpen nagusia hori izango da: euskal kultura sortzea, garatzea, eta ikusgarritasuna ematea Euskal Herri osoan. Hau da, zabalkunde nazional bat ematea». Sorsek azaldu du, halere, Iparraldearen «berezitasunei» eutsi nahi izan dietela sariketa berriarekin; izan ere, Elkarrek berak 2015ean berreskuratu zuen euskal literatur sormena sustatzeko Joseba Jaka beka. Hura ere bi urtetik behin egiten da, baina Euskal Herri osoko idazleentzat da. 2018az geroztik, gainera, nobela edo narrazio bildumaz gain, beste arlo edo diziplina batzuetara zabaldu zuten. Bada, beka berriak antzekotasunak baditu ere, sariketak bereizita mantentzea erabaki dute: «Iparraldea berezia da; muga horrek kulturalki zenbait urruntze egin ditu. Beraz, gure helburua da, EKE-rekin batera hurbiltze bat egitea, eta Iparraldean idazle kopuruz txikiago izanik ere, sortzaile gutxiago izanik ere, horiei Hegoaldekoak daukaten aukera bera izan dezaten bermatzea». Hogei urte, bederatzi liburu Gazteluma sariketak gaur arteko bidean «emaitza onak» izan dituela aitortu du Pantxoa Etxegoin Euskal Kultur Erakundeko buruak. Hogei urteko ibilbidean bederatzi idazle saritu baitira denera, eta, ondorioz, bederatzi liburu argitaratu dira lehiaketari esker. Maddi Ane Txoperena Iribarren idazle eta BERRIAko kazetariak irabazi zuen, iaz, azkena, Ene baitan bizi da eleberriari esker, hain zuzen. «Zinez arrakasta ederra ukan du Euskal Herri guztian», adierazi du Etxegoinek.
2021-1-13
https://www.berria.eus/albisteak/192206/abenduaren-26tik-40-handitu-da-intzidentzia-tasa-hego-euskal-herrian.htm
Gizartea
Abenduaren 26tik %40 handitu da intzidentzia tasa Hego Euskal Herrian
Atzo 930 positibo atzeman ziren: Araban 114, Bizkaian 370, Gipuzkoan 237 eta Nafarroan 195. Urtarrilaren 4tik 10era bitartean 42 herritar zendu dira.
Abenduaren 26tik %40 handitu da intzidentzia tasa Hego Euskal Herrian. Atzo 930 positibo atzeman ziren: Araban 114, Bizkaian 370, Gipuzkoan 237 eta Nafarroan 195. Urtarrilaren 4tik 10era bitartean 42 herritar zendu dira.
Eguberrien eragina jada hasi da antzematen intzidentzia tasan. Hego Euskal Herrian abenduaren 26tik atzo arte %40 handitu zen. Oraintxe, lau lurraldeak 100.000 biztanleko 250eko langatik gora daude. Zehazki, aurreko hamalau egunetan batez beste 333 kasu daude Hegoaldean. Nafarroak du intzidentziarik apalena, baina foru erkidegoan ere goranzko joera argia da, azken hilabetean %40 handitu baita intzidentzia, 177 kasutik 295era bitartean. Nafarroako Gobernuak ohartarazi du tasa hori jada «arrisku handikoa» dela, 250ko langa gainditu duelako. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, atzo 930 positibo atzeman ziren, aurreko egunean baino 49 gutxiago. Dena den, egun arteko diferentziez harago, joera goranzkoa da. Araban, 114 kasu atzeman ziren atzo, 22 gehiago; Bizkaian 370, 122 gutxiago; Gipuzkoan 237, 18 gehiago eta Nafarroan 195, aurreko egunean baino 33 gehiago. Orotara, 17.185 PCR eta antigeno proba egin ziren, eta %5,2 eman zuen positibo. Ospitaleetako egoerari dagokionez, atzo 50 pertsona ospitaleratu ziren Osakidetzako ospitaleetan eta ZIUko oheetan 78 paziente daude COVID-19agatik eri. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren buletin epidemiologikoaren arabera, urtarrilaren 4tik 10era bitartean 52 herritar ospitaleratu dira eta ZIUko oheetan aste horretan sei lagun sartu dira. Bai Jaurlaritzaren zein Nafarroako Gobernuaren datuen arabera, urtarrilaren 4tik 10era bitartean, 42 pertsona hil dira COVID-19aren ondorioz. Intzidentzia handitu denez, Nafarroako Gobernuak tabernetako ordutegia 21:00etara aurreratzea erabaki du, besteak beste. Marian Nuin INSL Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institututuko zuzendariaren arabera, birusaren transmisioa «handia eta goranzkoa» da, eta oraingoz ospitaleetan hirugarren olatuak eragin handirik izan ez badu ere, gogorarazi du bizpahiru asteren buruan nabarituko dela oraingo joera. Negu giroak birusaren trasmisioa errazten du, baina Eguberrietan kontaktuak handitu egin dira. Horregatik aholkatu du ahalik eta gutxien elkartzeko nor bere etxean bizi ez direnekin, eta elkartzekotan kanpoan edo aireztapen handiko tokietan elkartzeko.
2021-1-13
https://www.berria.eus/albisteak/192207/tabernak-ixteko-ordua-2100etara-aurreratuko-du-nafarroako-gobernuak.htm
Gizartea
Tabernak ixteko ordua 21:00etara aurreratuko du Nafarroako Gobernuak
Zenbait arau berri iragarri ditu Nafarroako Gobernuak: terrazetan erretzea debekatuko dute, eta %30era mugatuko dute merkatalgune ertain eta handien edukiera.
Tabernak ixteko ordua 21:00etara aurreratuko du Nafarroako Gobernuak. Zenbait arau berri iragarri ditu Nafarroako Gobernuak: terrazetan erretzea debekatuko dute, eta %30era mugatuko dute merkatalgune ertain eta handien edukiera.
COVID-19ari aurre egiteko orain arte ezarritako neurri murriztaileei eutsi, eta zenbait arau berri iragarri ditu Nafarroako Gobernuak. Ostalaritzari eta merkataritzari eragiten diete neurri berriek, batez ere. Alde batetik, tabernak eta jatetxeak ixteko ordua 21:00etara aurreratuko du gobernuak (orain arte baino ordubete lehenago), terrazetan erretzea debekatuko dute, eta merkatalgune ertain eta handien gehienezko edukiera %30era murriztu. Bestalde, enpresei eskatu diete langileen sartu-irtenak «malgutzeko», lantoki handien inguruetan jendea pilatu ez dadin. Kalean erretzea ere mugatuko dute: aurrerantzean, toki batean geldi egon beharko dute erretzaileek, eta bi metroko gutxieneko tartea mantenduta, betiere. Gainerako neurriei ere eutsi die Maria Txibiteren gobernuak: lurraldearen itxiera perimetralari, 23:00etako etxeratze aginduari eta pertsonen arteko bilkurak sei pertsona eta bi bizikidetza unitatera mugatzeari, alegia. Azken puntu horri dagokionez, ordea, bizikide ez direnen arteko bilkurak «ahal bezainbeste» mugatzeko deia egin du Remirezek: «Etxekoak bakarrik elkartzen badira, hobe». Izurria hedatzeko arriskua neurtzen duten irizpideen arabera, Nafarroa 3. alerta mailan dagoela gogorarazi du Nafarroako Gobernuko lehendakariorde Javier Remirezek; arriskua «handia» dela, alegia. Irizpide eta neurgailu horiek okerrera eginen balute (ospitaleetako oheen okupazioa, kasurako), neurri «are gogorragoak» hartzeko prest azaldu da lehendakariordea: «Hori datuek esanen digute».
2021-1-13
https://www.berria.eus/albisteak/192208/israelek-57-lagun-hil-ditu-sirian-azken-urteetako-erasorik-gogorrenean.htm
Mundua
Israelek 57 lagun hil ditu Sirian, azken urteetako erasorik gogorrenean
Siriako armadaren hemezortzi posturi eraso die Israelek, Deir ez-Zor probintzian. AEBen laguntza izan duela esan du ezkutuko iturri batek.
Israelek 57 lagun hil ditu Sirian, azken urteetako erasorik gogorrenean. Siriako armadaren hemezortzi posturi eraso die Israelek, Deir ez-Zor probintzian. AEBen laguntza izan duela esan du ezkutuko iturri batek.
Azken asteetan Israelek Sirian egin dituen erasoek jarraipena izan dute, baina gaurkoa ez da aurrekoen segida hutsa izan. Aitzitik, Siriako lurretan azken urteetan egindako eraso gogorrena eta hilgarriena izan da Israelgo armadak gauzatutakoa. Baxar al-Assaden armadaren eta haren aliatuen aurkako erasoa izan da, eta, hein bereran, Iranek Sirian duen indarraren aurkakoa. Iranen babespeko miliziano xiiten aurkako presioa areagotu du Tel Avivek, eta mehatxutzat ikusten du Siria ekialdean duten presentzia. Indar xiitek kontrolatutako Libano eta Iran arteko pasabide bat ahal den moduan eragozten saiatuko dela adierazia du Israelgo Gobernuak, eta argudio horren pean erasoak gogortu ditu. Horren erakusle da gaur gertatutakoa. Gutxienez 57 lagun hil ditu Israelek, Erresuma Batutik jarduten duen Siriarako Giza Eskubideen Behatokiak jakinarazi duenez —hasieran, hildakoak 40 izan zirela esan zuen erakundeak, baina kopurua igo egin zuen ordu gutxitara—, eta miliziano xiitak izan dira horietako gehienak. Zaurituak ere dozenaka izan dira. Israelgo hegazkin militarrek Deir ez-Zor probintzian Siriako armadak kontrolatutako hemezortzi gune militar bonbardatu ditu. Deir ez-Zor hirian izan da hildako gehien, 26, eta Al-Bukamal eta Al-Mayadin herrietan hamabost eta hamasei lagun hil dituzte; denak ere, Iranen babespeko milizianoak, erakundearen arabera. Hezbollah milizia xiitako soldaduak eta Iranen aliatu diren beste zenbait miliziatako kideak hildakoen artean daudela ere esan du. Arma biltegien eta Siriako armadaren kontrolpeko puntuen aurkako erasoa izan dela adierazi du behatokiak, eta Abu Kamal eskualdeko zenbait puntu ere bonbardatu dituela Israelek, Siriaren eta Iraken arteko mugan. Dozenaka lagun hiltzeaz gain, erasoaren ondorioz Siriako armadaren armamentua, arma biltegiak, munizioa eta makineria ere suntsituta geratu direla zehaztu du. «Armada siriarraren, Hezbollahren eta indar iraniarren armak» izan dituzte jo puntuan erasoa egiterakoan, gobernuz kanpoko erakundearen esanetan. Siriako Sana albiste agentziak ere eman du bonbardaketaren berri, eta Israel egin du erantzule, baina ez du hildakoen kopurua aipatu. Estatubatuarren laguntzaz AEBak ere zipriztindu ditu erasoak. Israelek AEBetako inteligentzia zerbitzuaren laguntza izan dutela adierazi du halako zerbitzuetan jarduten duen funtzionario batek, bere identitatea ezkutatuta, The Associated Press berri agentziaren bidez. AEBek erasoaren berri zutela esan du funtzionario horrek, eta kooperazioan jardun dutela bi herrialdeek, Sirian eraso beharreko helburu militarrak zehazten. Funtzionario horrek emandako informazioaren arabera, oliobide baten barruko zenbait biltegi zituen jomugan erasoak: Iranen armak biltzeko erabiltzen ziren. Gaineratu du Iranen programa nuklearrerako baliagarriak diren osagaiak bideratzeko ere erabiltzen dituztela biltegi horiek. Operazioa Mike Pompeo AEBetako Estatu idazkariaren eta Yossi Cohen Mossad Israelgo zerbitzu sekretuen buruak elkarrekin antolatu zutela ere esan du, eta, horretarako, bilera bat izan zutela astelehenean Washingtoneko kafetegi batean. Karguaren azken egunetan da Pompeo, baina ez horregatik geldirik, eta Joe Biden AEBetako presidente hautatuaren agintaldiaren hasiera baldintzatu dezaketen zenbait erabaki hartzen ari da, azken egunotan. AEBen atzerriko politiketan eta herrialdeak Iranekin duen harreman diplomatiko zailean eragina izan dezakete Israelen xiiten aurkako oldarraldiak nahiz AEBek Yemengo huti mugimendu xiita «talde terrorista» izendatu izanak. Inguru lehiatua Israelek hiru asteko tartean egin duen laugarren bonbardaketa izan da gaurkoa, eta urte honetako bigarrena. Iragan ostegunean, Siria hegoaldeko zenbait puntutara misilak jaurti zituen, orduan ere Al-Assaden armadaren eta haren aliatuen aurka. 11 lagun hil eta beste 11 zauritu ziren. Ekialderago jo zdu gaur Israelek. Siriak Irakekin muga egiten du han, eta bertan dago Deir ez-Zor probintzia, basamortua nagusi den inguru batean. AEBetako soldaduek kontrolatzen dute bi herrialde horien arteko errepidea, miliziano suniten laguntzarekin, baina, AEBak beren tropak pixkanaka erretiratzen ari dira inguru horretatik, eta hura Iranen gotorleku bilakatuko ote den beldur da Tel Aviv. Estatu Islamikoak ere sartua du muturra inguruaren gaineko kontrola lortzeko borroka horretan. Sirian izan zuen azken eremu kontrolatua izan zen Deir ez-Zor talde islamistarentzat, baina 2017an haren jabe egin zen Siriako armada, tropa errusiarrek lagunduta. Estatu Islamikoaren itzala handia da probintzia horretan oraindik, hala ere, eta indarra hartzeko imintzioak egin ditu azkenaldian. Jihadistek Siriako armadaren eta haren aliatuen aurkako zenbait eraso egin dituzte azken urtean, eta urte berriarekin ere izan dira halakoak. Iragan asteburuan, esaterako, miliziano xiitei eraso egin zieten.
2021-1-13
https://www.berria.eus/albisteak/192209/elkarrekin-podemos-iuk-gastu-publikoa-handitzeko-eskatu-dio-jaurlaritzari.htm
Politika
Elkarrekin Podemos-IUk gastu publikoa handitzeko eskatu dio Jaurlaritzari
Miren Gorrotxategik azaldu du dokumentu batean zenbait proposamen egin dizkiotela Jaurlaritzari, eta Azpiazuk horiek aztertzeko konpromisoa azaldu duela. EH Bilduk, berriz, 429 milioi euroko balioa duten neurriak proposatu ditu.
Elkarrekin Podemos-IUk gastu publikoa handitzeko eskatu dio Jaurlaritzari. Miren Gorrotxategik azaldu du dokumentu batean zenbait proposamen egin dizkiotela Jaurlaritzari, eta Azpiazuk horiek aztertzeko konpromisoa azaldu duela. EH Bilduk, berriz, 429 milioi euroko balioa duten neurriak proposatu ditu.
Eusko Jaurlaritzak gaur amaitu du Eusko Legebiltzarreko talde politikoekin 2021erako aurrekontuak negoziatzeko egin duen bilera sorta. Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburua Elkarrekin Podemos-IUko ordezkariekin batzartu da, modu telematikoan; izan ere, berrogeialdian dago koalizioko talde parlamentario osoa, euren artean COVID-19 kasu positibo bat atzeman dutelako. Gorrotxategik eman ditu bilera osteko azalpenak. «Oso giro lasai eta onean» egin dute bilkura, eta Elkarrekin Podemos-IUk dokumentu bat helarazi dio sailburuari, aurrekontuetan sartzeko hainbat proposamenekin, eta horiek gauzatu ahal izateko, eskatu dio gastu publikoa areagotzeko: «Badakigu teknikoki gastu publikoa areagotu daitekeela; Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuak %2,2,ko defizita jasotzen du, baina posible da teknikoki %2,6ra igotzea. Horrek ahalbidetuko luke diru nahikoa izatea guk planteatutako proposamenak aurrera atera ahal izateko». Agiri horretan jasotako proposatutako neurrien inguruan, Gorrotxategik esan du ez dela erabat onartzeko edo baztertzeko testu bat, eta «hitz egiteko aukera» ematen duela: «Gu prest gaude akordioetara iristeko, beti ere balioko dutenak jendearen bizimodua nabarmen hobetzeko». Bileran, Azpiazuk ez du «sakoneko erantzunik» eman; Gorrotxategik azaldu gaur bertan aurkeztu diotela dokumentua sailburuari, eta, beraz, ez duela astirik izan hura aztertzeko. Halere, sailburuak «interesez» aztertuko duela agindu du, eta ahal bezain azkar erantzungo duela. Neurriei dagokienez, koalizioaren proposamenek eragingo lukete gastua 392,9 milioi eurotan handitzea. Multzo handiena, 152 milioi euro, enplegu eta industria politiketan eginiko proposamenak dira, eta 65,9 milioi, babes sozialeko eta giza eskubideak bermatzeko neurrietara. Gainera, koalizioak beste 55 milioi bideratu nahi ditu osasungintzara; nagusiki, Osakidetzako lehen arretako eta erizaintzako lantaldeak indartzeko, lan baldintzak «duintzeko» eta COVID-19aren txertoa jartzeko baliabideak areagotzeko. Bihar, bilera Azpiazuk, berriz, nabarmendu du Gorrotxategik, Hernandezek eta Sotok «maximoetako eta lerro gorririk gabeko» proposamen bat aurkeztu dutela eta Elkarrekin Podemos izan dela Azpiazuren bilera sortara «aurrekontuen inguruan benetako negoziazio batean sartzeko asmoarekin joan den bakarra». Hortaz, konpromisoa hartu du proposamena «patxadaz aztertzeko», eta hurrengo bilera zehaztu dute: bihar bertan izango da, 16:00etan, «balizko topaguneak bilatzeko». Epeei begiratuta, Azpiazuk berehala eman beharko lioke erantzunen bat Elkarrekin Podemos-IUri, astelehenean amaitzen baita osoko zuzenketak aurkezteko epea. Koalizioak oraindik ez du erabaki osoko zuzenketa bat aurkeztuko duen: «Gobernuak gure proposamenetik onartzen duenaren edo ez duenaren arabera erabakiko dugu». Hain justu, epeekin kexu agertu da Gorrotxategi: «Sailburuari esan diot berandu xamar datorrela bilera, oso denbora gutxirekin gaudela edozein negoziazio egiteko. Uste dugu egoerak eskatzen duela erantzukizun berezia izatea». Jaurlaritzak ziurtatuta dauka kontuen onespena, EAJren eta PSE-EEren gehiengo absolutuari esker, eta Gorrotxategik azaldu du aldagai hori aipatu jarri duela Azpiazuk berak: «Mahai gainean jarri da numerikoki ez dela beharrezkoa gure adostasuna; kontuan hartu beharreko abiapuntua da, baina baita guk negoziaziorako dugun jarrera ere». EH Bilduk, 429 milioi Bestalde, EH Bilduk gaur aurkeztu du aurrekontuetan jaso beharreko neurriei buruzko txosten bat. Azpiazurekin bildu ondorengo agerraldian eginiko balorazioak jasotzen ditu dokumentuak; «ezohiko egoera» izanik, horrek «ezohiko ariketa politiko osoa egiteko parada» eskaintzen dutela aurrekontuek. Horregatik, kontuei «izaera estrategikoa» onartu die. EH Bilduk 429 milioi euro bideratzea eskatuko luketen proposamenak jaso ditu dokumentuan, hiru ardatzetan banatuta: diru sarrerak handitzea -besteak beste, zerga erreforma «sakon» bat eginda eta COVID-19 tasa bat ezarrita-, zerbitzu publikoak indartzea -osasun, hezkuntza eta gizarte zerbitzuen sistemak diruztatuta- eta pandemiaren testuinguruan ohiko funtzionamendua mugatua izaten ari diren sektore ekonomikoak erreskatatzeko funts bat osatzea. Hain justu, hori da diru kopuru handiena hartzen duen saila: 200 milioi euro. Osasun sistema indartzera bideratutakoak, berriz, 140 milioi euro hartzen ditu. Txostena aurkezteko agerraldian, Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak nabarmendu du «inork» ez lukeela ulertuko, «baliabideak egonda, oinarrizko arloak diren osasuna, hezkuntza eta, oro har, zerbitzu publikoak ez indartzea». Erantsi du datozen hilabeteetan «asko» dagoela jokoan, eta, «ardura politikotik», Jaurlaritzari «elkarrizketa eta akordiorako aukera» eskaini dizkio: «Gure proposamenak errealistak dira, gure ahalmen ekonomikoaren barruan kokatuta daude eta herri honen pertsonen beharrei erantzuten diote». Azpiazu, ordea, kexu azaldu da indar subiranistaren jokabidearekin; kritikatu du 10:00etan bidali duela txostena, prentsan aurkeztu baino minutu batzuk aurretik: «Oso ezohikoa eta desegokia iruditzen zait EH Bilduk aurrekontuen proiektuaren inguruan bere proposamena luzatzeko modua: prentsaurrekoan, negoziazio mahaian aurkeztu beharrean. Ez dirudi logikoena helburua akordio batera iristea baldin bada». Lehen bilera sorta amaituta, murriztu egin dira akordiorako aukerak. Atzo, PP+C's koalizioko kideak izan ziren Azpiazurekin bildu zirenak, eta iragarri zuten osoko zuzenketa aurkeztuko dutela. Jaurlaritzak adostasunerako atea itxi zion Voxi ere. EH Bilduk oraingoz ez du iragarri osoko zuzenketarik aurkeztuko ote duen, baina «hankamotz» jo zuen gobernuaren proposamena. Hilaren 29an eztabaidatuko dituzte osoko zuzenketak, eta espero da behin betiko onespena otsailaren 11ko osoko bilkuran ematea.
2021-1-13
https://www.berria.eus/albisteak/192210/ia-ehun-pertsona-kutsatu-dira-zamudioko-zahar-etxean.htm
Gizartea
Ia ehun pertsona kutsatu dira Zamudioko zahar etxean
Muskizko (Bizkaia) eta Erroko (Nafarroa) zahar etxeetan ere agerraldiak atzeman dituzte.
Ia ehun pertsona kutsatu dira Zamudioko zahar etxean. Muskizko (Bizkaia) eta Erroko (Nafarroa) zahar etxeetan ere agerraldiak atzeman dituzte.
Zamudioko Truiondo zahar etxean COVID-19aren agerraldi bat izan da, eta ia ehun pertsona kutsatu dira. 67 egoiliarrek eta 31 langilek eman dute positibo. Lehen positiboak urtarrilaren 2an atzeman zituzten, baina, egunek aurrera egin ahala, agerraldia handituz joan da. Atzo baheketa bat egin zuten, eta positibo gehiago zenbatu zituzten. Denera, 98 izan dira positibo eman dutenak. Bizkaiko Aldundiak ez du oraindik zahar etxeko egoiliarren eta langileen osasun egoeraren berri eman. Uztail bukaeran ere beste agerraldi bat egon zen zahar etxe horretan, eta, orduko hartan, 30 positibo atzeman zituzten. Bestelako agerraldiak ere egon dira Euskal Herriko hainbat zahar etxetan. Muskizko (Bizkaia) Marcelo Gangoiti zahar etxean ere agerraldi bat egon da: ia egoiliar guztiak kutsatu dira, 103 erabiltzaileetatik 93 kutsatu dira, bai eta beste 22 osasun langile ere. Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak adierazi du «irtenbideak» bilatu behar direla, eta ez errudunak. Gertatutakoaz ikasi eta prebentzioan «erlaxatu gabe» lanean segitu beharra erakutsi du Muskizkoak, haren esanetan. EH Bilduk Aldundiari eskatu dio adinekoen egoitza horretan esku hartu dezala, nahiz eta zentro horren kudeaketa pribatua izan. Koalizioak proposamena aurkeztuko du Bizkaiko Batzar Nagusietan gaiaren inguruan. Nafarroan, Erroko Ibañeta zahar etxean ere agerraldi bat atzeman dute. Hemeretzi lagun kutsatu dira, eta horietatik hamazazpi egoiliarrak dira. Txertoaren lehen dosia jasota zeuden egoiliar guztiak. Urtarrilaren 5ean jaso zuten Ibañeta egoitzako egoiliar eta langileek txertoaren lehen dosia, baina bigarrena heldu aurretik iritsi da agerraldia. Gehienak asintomatikoak dira, baina bost ospitaleratu behar izan dituzte.
2021-1-13
https://www.berria.eus/albisteak/192211/quebeceko-couche-tard-taldea-carrefour-erosi-nahian-dabil.htm
Ekonomia
Quebeceko Couche-Tard taldea Carrefour erosi nahian dabil
Elkarrizketak hasi dituztela baieztatu dute bi konpainiek, baina ez da ziurra fruitua ematea.
Quebeceko Couche-Tard taldea Carrefour erosi nahian dabil. Elkarrizketak hasi dituztela baieztatu dute bi konpainiek, baina ez da ziurra fruitua ematea.
Europan duen negozioa biderkatzeko operazioa abian jarri du Couche-Tardek. 2.700 saltokitik gora ditu kontinentean, gasolindegiak eta haien ondoko dendak batik bat, duela urte batzuk Statoil Norvegiako petrolio konpainia publikoari erositakoak. Cercle K marka erabiltzen du horietan Couche-Tardek, AEBetan ere baliatzen duena. 1980an jarri zuen lehen denda, Lavalen (Quebec), eta erosketen bidez hazi da, Quebecen eta Kanadan lehenik, eta hortik kanpo azken urteetan. Frantziako Carrefour, berriz, Europako saltoki katerik handienetako bat du: han ditu munduan dituen 12.225 dendetako gehienak, horietako dozena batzuk Euskal Herrian —zazpi lurraldeetan ditu dendak—. Neurri aldetik biak antzekoak diren arren —Couche-Tard taldeak 14.000 saltoki ditu, txikiak gehienak—, finantza merkatuetan abantaila handia du Quebeceko taldeak: 30.000 milioi eurotik gora balio du, eta Carrefour 12.000 milioi euroan geratu da. Carrefourrek ez da bere garairik onenean bizi, azken krisi ekonomikoek eta erosketa molde berriak bezero asko urrundu dizkiotelako bere hipermerkatuetatik. Azkenaldian, bere apustua izan da hiriguneetan saltoki txikiagoak jartzea, Carrefour Express izenekoak. Gerturatze «adiskidetsua» dela ziurtatu dute Couche-Tardek eta Carrefourrek, Bllombergek bere asmoen berri eman ondoren. Ez da ziurra elkarrizketek fruitua ematea, ez dirudielako bat egiteak sinergia edo aurrezpen handiak ekarriko lituzkeenik.
2021-1-13
https://www.berria.eus/albisteak/192212/txertaketa-apurka-handituz-joango-dela-azaldu-du-indurainek.htm
Gizartea
Txertaketa «apurka handituz» joango dela azaldu du Indurainek
Urtarrilaren 21erako Nafarroako zahar etxeetako 13.000 egoiliar eta langileei lehen dosia jarriko zaie eta bigarren dosia otsailaren 12rako. Ondoren, osasun etxeetako 18.000 profesionalei, etxeetan bizi diren menpekotasun handiko 7.000 pertsonei eta haien bizikideei jarriko diete.
Txertaketa «apurka handituz» joango dela azaldu du Indurainek. Urtarrilaren 21erako Nafarroako zahar etxeetako 13.000 egoiliar eta langileei lehen dosia jarriko zaie eta bigarren dosia otsailaren 12rako. Ondoren, osasun etxeetako 18.000 profesionalei, etxeetan bizi diren menpekotasun handiko 7.000 pertsonei eta haien bizikideei jarriko diete.
Astero Nafarroak Pfizerren 6.000 txerto jasotzen ditu; zehazki, 5.850. Txertatze kanpaina motel doala leporatu diote gobernuari, eta Santos Indurain Osasun kontseilariak azaldu du esperotako erritmoan doala, «apurka handituz». Indurainek zehaztu du hasiera «konplexua» izan dela, eta iritsi ahala jartzeko asmoa dutela. Hala ere, era berean, azaldu du bigarren dosia metatzen dutela «segurtasuna bermatzeko», bigarren dosi horrek ziurtatzen baitu immunitate eraginkortasuna %95 ingurukoa izatea. Carlos Artundo Osasun zuzendariak berretsi du Nafarroak «bide orri propioa» duela, baina helburua argia dela: ahalik eta pertsona gehien txertatu dosiak jaso ahala. Dena den, horrekin batera, zehaztu du «ongi eta segurtasunez» egin nahi dutela. Adibidez, lehen fasean, zaurgarritasun handieneko pertsonak txertatzea erabaki dute, eta lehen erantzuna zahar etxeetako langile eta egoiliarretara zuzendu dute. Horrek esan nahi du zahar etxe guztietara joan behar dutela: «Hau motela eta konplexua da. Azkarragoa da toki handi eta jendetsuagoetan hastea, adibidez ospitale batean, egun batean milaka txerto jar daitezkeelako, baina, Osasun Ministerioaren irizpideekin bat, zaurgarrienekin hastea hobetsi dugu». Aldi berean, gogorarazi du txertoa jartzen zaion pertsona bakoitza ordu erdiz zaindu behar dutela taldeek, erreakzio kaltegarriren bat agertuz gero artatzeko. Indurainek zehaztu duenez, kanpainaren hasiera honetan lehen helburua ehundik gora zahar etxe eta menpekotasun egoitzetako 13.000 egoiliar eta langile dira. Lehen dosia urtarrilaren 21erako jartzea espero dute, eta erantzuna positibotzat jo dute, %92koa izan baita orain arte. Bigarren dosia otsailaren 12rako jarriko dela aurreikusten du gobernuak. Hortik aurrera, hurrengo helburua ospitaleetako eta osasun sistemako 18.000 profesionalak izango dira, baita etxean bizi diren menpekotasun handiko pertsonak eta haiek zaintzen dituzten pertsonak ere. Lehen fasea gaindituta, 65 urtetik gorako pertsonak, funtsezko jardueretan lan egiten dutenak eta gaixotasun kronikoak dituztenak txertatuko dituzte. Helburua da zahar etxeetako egoiliarren %90i jartzea, osasun arloko profesionalen %70i, eta 65 urtetik gorakoen %8ri. «Iraupen luzeko lasterketa bat da. Sei hilabete eta hamabi hilabete artean iraungo du. Ez dakigu zehatz-mehatz», azaldu du Artundok. Txertoen ekoizpenaren erritmoak baldintzatuko du txertaketa. Orain, astero 5.850 iristen dira, eta aurki Modernaren beste 500 iritsiko dira. Artundok gogorarazi du «historian lehen aldia» dela komunitate zientifikoak, farmazia enpresek eta gobernuek «hain esfortzu kolektibo handia» egiten dutela. Europako Batzordeak arrisku partekatuko kontratuak izenpetu ditu enpresa askorekin, eta denbora eskasa izan dute makina bat txerto eskura izateko. Denok nahi genuke gehiago izatea, baina daudenak daude, eta konpainiak ekoitz ditzaketenak baino ez dira jarri uneotan». Hartara, antsietatea ulergarritzat jo arren, egoera konplexua dela aipatu du.
2021-1-13
https://www.berria.eus/albisteak/192213/ndrangheta-italiako-mafia-nagusiaren-aurkako-makroepaiketa-hasi-dute.htm
Mundua
Ndrangheta Italiako mafia nagusiaren aurkako makroepaiketa hasi dute
355 lagun daude auzipetuta, kide edo kolaboratzaile izatea egotzita. 1986an Cosa Nostra epaitu zutenetik ez da mafiaren aurkako antzeko epaiketarik izan.
Ndrangheta Italiako mafia nagusiaren aurkako makroepaiketa hasi dute. 355 lagun daude auzipetuta, kide edo kolaboratzaile izatea egotzita. 1986an Cosa Nostra epaitu zutenetik ez da mafiaren aurkako antzeko epaiketarik izan.
Italiako mafia boteretsuentzat jotzen den Ndrangheta sarearen aurkako epaiketa hasi dute gaur goizean, Italia hegoaldeko Lamezia Terme herrian. Industrialde batean kokatutako eraikin blindatu batean egiten ari dira epaiketa; segurtasun neurriak betetzeko, batetik, eta auzipetuak ehunka direlako, bestetik. 355 lagun epaituko dituzte, Ndranghetako kide izateagatik eta harekin kolaboratzeagatik. Rinascita-Scott operazioaren barruan 400 lagun atxilotu zituzten 2019an Italian, Alemanian, Bulgarian eta Suitzan, eta operazio hartatik eratorri da gaur hasi den epaiketa. Mafiako kideak ez ezik, politikariak, militarrak eta enpresariak ere epaituko dituzte, askotariko akusaziopean: hilketak, estortsioa, armen eta lehergailuen trafikoa, korrupzioa, droga trafikoa eta beste. Horien artean daude, besteak beste, Giancarlo Pitteli Forza Italia alderdiko diputatu ohia, Mario Lo Riggio enpresari ezaguna eta Salvatore Rizzo Nicotera herriko alkate ohia. Mancuso familiaren jardunaren inguruan ardaztuko da epaiketa, batez ere. Mafiaren barruan pisurik handiena duen familia da Mancuso, eta Vibo Valentia probintziaren gaineko kontrolaren zati handi bat izatea egotzita joango dira hango kideak epailearen aurrera. Epaitegia bunker bilakatuta Gaur goizean egin dute lehen saioa, hedabide grafikoen presentziarik gabe, epaileak hala eskatuta. Horrek polemika eragin du, eta erabakia kritikatu dute kazetari elkarteek. Izan ere, ikusmin handia dago Italian gaur hasi den epaiketaren inguruan. 1986an Cosa Nostra taldea epaitu zutenetik ez da mafia sareen aurkako antzeko epaiketarik izan herrialdean. 474 lagun epaitu zituzten orduko hartan—horietatik 119 ihes eginda zeuden—, eta Cosa Nostra talde kriminal egituratu bat zela ebatzi zuten epaileek. Giovanni Falcone eta Paolo Borsellino epaileek gidatu zuten epaiketa, eta, 1992an, Cosa Nostrak berak hil zituen biak, atentatu bidez. Mafiaren aurkako borrokaren aurkako sinbolo bilakatu ziren. Oraingoan ere bada mafiaren erantzunaren beldurrik, baina haren aurkako indar erakustaldi moduan ere planteatu da epaiketa, eta, zenbait hedabidek diotenez, horren erakusle da epaiketa egiteko Calabria eskualdea aukeratu izana; hain justu, Ndrangheta mafiaren jardunaren epizentro dena. Nicola Gratteri Catanzaro hiriko fiskalburuak zeresan handia eman du mafiaren aurkako azken urteetako prozesuetan, eta haren jarduna erabakigarria izan da mafia sarea epaitzeko. Hark gidatu zuen Rinascita-Scott operazioa, eta Mancuso familia ikertzen aritu da azken urteetan.
2021-1-13
https://www.berria.eus/albisteak/192214/gurasosentzat-erraustegia-era-arduragabean-ari-dira-kudeatzen.htm
Gizartea
GuraSOSentzat, erraustegia era «arduragabean» ari dira kudeatzen
Plataformaren arabera, Gipuzkoako Fiskaltzak haien eskariz abiatutako ikerketaren helburua da plantaren «ilegaltasun egoera» argitzea. GHK-k jakinarazi du aztertzen ari dela GuraSOS auzitara eramatea.
GuraSOSentzat, erraustegia era «arduragabean» ari dira kudeatzen. Plataformaren arabera, Gipuzkoako Fiskaltzak haien eskariz abiatutako ikerketaren helburua da plantaren «ilegaltasun egoera» argitzea. GHK-k jakinarazi du aztertzen ari dela GuraSOS auzitara eramatea.
GuraSOSen salaketa aintzat hartuta, Zubietako erraustegiaren (Gipuzkoa) legeztatze prozesuan izandako ustezko irregulartasunak ikertzen hasi da Gipuzkoako Fiskaltza. Plataformaren arabera, instalazioaren «ilegaltasun egoera» argitzea, salatutako ekintzen «balizko tipikotasuna» zehaztea, eta horiek egin zituzten pertsonak «identifikatzea» du helburu ikerketak. GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioarentzat, ordea, GuraSOSen «erasoek eta salaketek» ez dute «inolako oinarririk», eta arratsaldean plataformari «erantzuteko» soilik gaztelaniaz kaleratutako ohar batean jakinarazi du plataforma auzitara eramatea aztertzen ari dela. Entitate publikoaren arabera, «erabateko gardentasunez» jokatu du uneoro, «ezarritako prozedura guztiak betez». Gogoratu du orain arte elkarteak jarritako «salaketak eta helegiteak» hogei baino gehiago izan direla, baina auzitegiek «beti» erabaki dutela horiek aintzat ez hartzea. Fiskaltzaren erabakia azaltzeko prentsa agerraldia egin dute, gaur goizean, Donostian, kolektiboko kide Joseba Belaustegik eta Mertxe Petxarromanek, eta eskatu diete epaileei ikerketa fasea irekita dagoen bitartean plantaren jarduera behin-behinean eten dezatela. Belaustegik salatu du hondakinak tratatzeko instalazioa, «bere osotasunean», era «arduragabean» ari direla kudeatzen, «ezkutuan», eta ingurumenarengatik zein segurtasunarengatik «erdeinua» adieraziz. Entitate publikoa ez dago ados horrekin, eta plataformak gaurko agerraldian esandakoa «gezurtatu» du, azpimarratuz bai kontsortzioak, bai Gipuzkoako Foru Aldundiak, baita Eusko Jaurlaritzak ere «ahalik eta prestutasun eta gardentasun handienarekin» jokatu dutela, «transmititu den informazio guztian egiaztatu ahal den moduan». Jose Ignacio Asensio GHKren presidentearen eta Gipuzkoako Ingurumen diputatuaren hitzak ere jaso dituzte oharrean: «GHKko langile eta funtzionarioen profesionaltasuna eta lan ona nabarmendu nahi dugu» Atzo plantan gertatutako suteari dagokionez , GHK-k esan du «berehala» kontrolatu zutela, «larrialdietarako protokoloa aktibatuz». GuraSOSekoek adierazi dutenez, «azken hilabeteotan» erraustegian piztutako hirugarren sutea izan zen atzokoa, baina aurrekoetako bat asteartekoa baino «askoz ere larriagoa»izan zela. Belaustegik azpimarratu duenez, ez dira «ezustean» gertatutakoak, eta pizten dira hondakinen hobiaren funtzionamendu «okerraren ondorioz». GuraSOSekoak zehaztu du hobian metanoa sortzen dela, eta horrek eragiten dituela suteak, «Zaldibarko zabortegian gertatu zen moduan». «Espediente asko» Plataformaren esanetan, instalazioko bi labeak eta balorizazio katearen atalak «modu ilegalean» funtzionatzen ari dira uneotan, nahiz eta GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak iragarri zuen, lehengo astelehenean, transformadore nagusia asteburuan jarri zutela martxan —irailean erre egin zen—, «normaltasun osoz eta topera». Belaustegirentzat, GHK-k «saihestu» egin du instalazioaren «ilegaltasun egoera». Iruditzen zaio ezin dela esan planta bete-betean ari dela funtzionatzen, «ez duelako gainditu proba fasea, eta are gutxiago ez gas eta argindar instalazioen ikuskatzea, ezta segurtasuna bermatzeko eta ingurumena babesteko behar diren baimen, homologazio eta agiri multzoa». Adierazi du, zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak «espediente asko» helarazi beharko dizkiola fiskaltzari.
2021-1-13
https://www.berria.eus/albisteak/192215/euskal-herriko-aireportuek-lau-bidaiaritik-hiru-galdu-zituzten-iaz.htm
Ekonomia
Euskal Herriko aireportuek lau bidaiaritik hiru galdu zituzten iaz
Aire garraioak zazpi urtez izan duen goranzko joera eten du koronabirusak. Merkantzien garraioak eutsi egin dio Forondan
Euskal Herriko aireportuek lau bidaiaritik hiru galdu zituzten iaz. Aire garraioak zazpi urtez izan duen goranzko joera eten du koronabirusak. Merkantzien garraioak eutsi egin dio Forondan
Euskal Herriko aireportuen goranzko bidea kolpe handi batekin eten da. Kolpe metaforiko batekin, bistan da, aireportuetako pistetan istripu seriorik gabeko urtea izan baita 2020. urtea. Koronabirusaren krisiak eta hari aurre egiteko hartutako neurri gogorrek eten egin dute zazpi urtez handitzen aritu den trafikoa, azken lauak marka historikoekin, eta ia hiru laurden bat gutxitu du bidaiarien joan etorria. 2019an 7,7 milioi bidaiarik erabili zituzten Euskal Herriko bost aireportuak. Aurten, oraingoz, Hego Euskal Herriko aireportuen datuak baizik ez daude. Miarritzeko aireportuak datuak eguneratzeari utzi zion konfinamendua hasi eta instalazioa itxi zutenean, eta ez du 2020ko bidaiarien berri eman. Hori bai, joan den urrian iragarri zuen 400.000 bidaiari espero zituela, aurreko urteetan baino %60 gutxiago. Aurreikuspen hori betetzea zaila izango zaio, Ipar Euskal Herrian mugikortasuna oso mugatua izan delako udazkenean eta Eguberriko oporraldian. Konfinamendurik ez da izan Hego Euskal Herrian apirilaren amaieraz geroztik, baina bai izan dira lurralde batetik bestera mugitzeko debekuak, eta oraindik indarrean daude. Horien ondorioz, bidaiari kopurua %71,3 txikitu da lau aireportuetan: zenbaki osoetan, 4,7 milioi lagun gutxiagok erabili dituzte. Kalte ekonomiko handia eragin du gutxitze horrek aireportuko zerbitzuetan, hala nola, kafetegietan, dendetan, eta taxisten artean. Hegaldiak, %51 gutxiago Hegaldien kopurua ere nabarmen jaitsi da, baina ez hainbeste: %51. Hau da, hegazkin gehiago ibili direla erdi hutsik 2019arekin alderatuz gero. Loiukoa da, alde handiz gainera, Euskal Herri osoan erabiltzaile gehien dituen aireportua, baina besteetan ohikoagoa den irudi bat ikusi da aurten han ere: bidaiaririk gabeko terminalarena. 2019an 5,9 milioi erabiltzaile izatetik 1,7 milioi izatera igaro da (-%71,4). Are okerragoa izan da abendua, %81,7ko jaitsiera izan baitu normalean joan etorri handikoa den hilabete batean. Antzeko portzentaietan gutxitu dira bidaiariak beste aireportuetan ere: -%65,5 Noainen (84.000 erabiltzaile), -%73,8 Hondarribian (83.800), eta -%73,9 Forondan (45.300). Bidaiarien garraiatzeari baino askoz hobeto eutsi dio merkantzien garraioak. Kopuru esanguratsu bat mugitzen duen bakarra Foronda da, eta alde horretatik ez zuen urte txarra izan, praktikoki pare geratzea lortu baitzuen, 64.3 milioi tona. 2021a ere ez da erraza izango aireportuentzat eta haien inguruko zerbitzuentzat. Mugikortasuna mugatzeko neurriak indarrean izango dira hurrengo hilabeteetan, eta nekez altxatuko dira hurrengo oporraldirako, Aste Santurako.
2021-1-13
https://www.berria.eus/albisteak/192216/gizon-bati-sei-urteko-kartzela-zigorra-ezarri-diote-zarautzen-adin-txikiko-bat-bortxatzea-egotzita.htm
Gizartea
Gizon bati sei urteko kartzela zigorra ezarri diote Zarautzen adin txikiko bat bortxatzea egotzita
Gizona ezingo da emakumearengana gerturatu zazpi urtean, eta ezingo da harekin komunikatu. Gainera, 100.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio biktimari.
Gizon bati sei urteko kartzela zigorra ezarri diote Zarautzen adin txikiko bat bortxatzea egotzita. Gizona ezingo da emakumearengana gerturatu zazpi urtean, eta ezingo da harekin komunikatu. Gainera, 100.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio biktimari.
Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak sei urteko kartzela zigorra ezarri dio gizon bati Zarauzko (Gipuzkoa) 2017ko San Pelaio jaietan adin txikiko bat bortxatzea egotzita, Efe berri agentziak jakinarazi duenez. Eferen arabera, sexu erasoa egitea egotzi diote. Kartzela zigorra ez ezik, beste hainbat zigor ere ezarri dizkio epaitegiak: erasotzailea ezingo da biktimarengana gerturatu zazpi urtean, ezta harekin komunikatu ere. Gainera, 100.000 euroko kalte ordaina eman beharko dio egindako minagatik. Azkenean sei urteko espetxe zigorra jarri badiote ere, zigor handiagoak nahi zituzten fiskaltzak eta akusazio partikularrak —biktimaren senideak—: bederatzi urteko kartzela zigorra eskatu zuten.
2021-1-13
https://www.berria.eus/albisteak/192217/txina-giza-eskubideen-mehatxutzat-jo-du-human-rights-watchek.htm
Mundua
Txina «giza eskubideen mehatxutzat» jo du Human Rights Watchek
Urteko balantzea egin du erakundeak, eta ondorioztatu du XI Jinpingen gobernua azken urteetako «bortitzena eta kontrol gehien duena» dela.
Txina «giza eskubideen mehatxutzat» jo du Human Rights Watchek. Urteko balantzea egin du erakundeak, eta ondorioztatu du XI Jinpingen gobernua azken urteetako «bortitzena eta kontrol gehien duena» dela.
Mundu mailako giza eskubideak babesteko orduan Txinako Gobernua «mehatxua» dela ondorioztatu du HRW Human Rights Watch nazioarteko erakundeak urteko balantzean. Salatu du Pekinek bere sistemarekiko kritikoa den oro isilarazi nahi duela herrialdean, zentsura bidez eta nazioartean etengabe hazten ari den bere botere ekonomikoarekin. Bestalde, beste zenbait herrialdetako buruzagi «autokratek» ere nazioarteko giza eskubideen legedia urratzen dutela salatu du HRWek. Buruzagi horien artean aipatu ditu Donald Trump AEBetako presidentea, Narendra Modi Indiako lehen ministroa eta Jair Bolsonaro Brasilgo presidentea. Urte berriaren hasierarekin batera, HRW nazioarteko giza eskubideen aldeko erakundeak amaitu berri den urtearen balantzea egin du, eta bertan plazaratu duen ondorio nagusia da Txinako Gobernua munduan giza eskubideak gehien urratzen dituena dela. Kenneth Roth zuzendari exekutiboaren ustetan, Txinako Gobernuak «mehatxutzat» dauzka giza eskubideak, eta haren erantzunak kolokan jar litzake mundu mailako giza eskubideak. Hain zuzen ere, herrialdean askatasun politikorik ez dagoela adierazi du erakundearen txostenak, Txinako Alderdi Komunistaren boterea «kolokan» jarriko duelakoan. Urraketa horien adibidetzat jarri du gobernuak martxan jarritako «zaintza teknologikoa». Bestalde, salatu du munduko herrialde bakarra dela gutxiengo etnikoetako milioika biztanle aldi berean atxilotzen eta doktrinatzen dituena: gobernuak uigur etniako biztanleak kontzentrazio eremuetara eramaten zituela zioen albisteari erreferentzia eginez. Gehitu du Xi Jinpingen gobernua azken urteetako «bortitzena eta kontrol gehien duena» dela, eta, horrela jarraituz, etorkizun «distopikoa» izango dutela txinatarrek, zentsoreen kontrolpetik ihes ezin eginda. Beste herrialdeetan ere bai Baina Txinan soilik ez, munduko beste zenbait herrialdetan ere giza eskubideetan atzerapausoak sumatu ditu HRWek. India, AEBak eta Brasil jarri ditu jomugan: hango buruzagiak «populistatzat» jo ditu, eta salatu du, Txinak bezala, nazioarteko legedia ez dutela errespetatzen. Horien kasuan ere, salatu du gutxiengo etnikoen aurkako erasoak egin dituztela, eta epaileen, kazetarien eta ekintzaileen askatasuna oztopatu dutela. Hiru estatuen artean harremanak daudela argi utzi du txostenak, eta horiek ere eskubideen aurkako izendatu ditu. Urraketa horien adibidetzat jarri du «arrazakeria eta diskriminazioa bultzatzen dituen AEBetako migrazio politika zitala», edota estatubatuarrek osasun arreta eskuratzeko duten gaitasunaren ahultzea. Indiako kasuan, musulman eta hinduen arteko gatazkei egin die erreferentzia, gobernuak gutxiengoen aurkako erasoak saihesterik lortu ez duela azalduz. Gehitu du sarritan BJP gobernuko aderdiaren jarraitzaileek berek hauspotzen zituztela sarraskiak. Brasilen, berriz, gobernuak onartutako legeek Poliziari inpunitate osoa eskaintzen diotela salatu du erakundeak, eta hartutako neurriek biztanleria zaurgarriena arriskuan jartzen dutela. Hiru estatu horien urraketez gain, gerran dauden herrialdeenak ere aztertu ditu, horietan gertatzen direnak «lotsagabekeriaz» izaten direla argudiatuz. Siria eta Yemengo gerrak izan ditu aztergai, horietan dauden alde guztiek zibilak babesteko ezarritako legeak urratzen dituztela azalduz: arma kimikoen debekutik ospitaleak bonbardatzeko debekuraino. Horri lotuta, gerra horiek uzten dituzten errefuxiatuak eta haien bizi baldintzak jo ditu Europako arazo nagusitzat HRWen txostenak. Izan ere, 2019an 100.000 asilo eskatzailetik gora heldu ziren Europako mugetara, gehienak itsasoz. Greziako uharteetara heldu zen kopurua handia izan zen, eta, hain zuzen ere, kopuru handi horrek Europako estatuen arteko lankidetza arazoak azaleratu zituen. Erakundeak salatu du Italiak eta Maltak ez zietela baimenik eman GKEei itsasoan erreskatatutakoak beren lurraldeetara eramateko. Eta, horrez gain, adierazi du Europako Batasunak zenbait estatu kideren politika urratzaileen aurka aritu behar izan duela; Hungarian, esaterako, herrialdeko mugan zeuden asilo eskatzaileei elikagaiak helaraztea galarazi baitzuen.
2021-1-14
https://www.berria.eus/albisteak/192218/trump-bigarrenez-epaituko-du-aebetako-senatuak.htm
Mundua
Trump bigarrenez epaituko du AEBetako Senatuak
Estatuburuari epaiketa politikoa egitearen alde bozkatu dute 232 ordezkarik, eta aurka 197k. Alde bozkatu dutenen artean daude hamar ordezkari errepublikano. Senatuko buru Mitch McConnell errepublikanoak aitortu du ez duela garbi zer bozkatuko duen auzia goi ganberara heltzen denean.
Trump bigarrenez epaituko du AEBetako Senatuak. Estatuburuari epaiketa politikoa egitearen alde bozkatu dute 232 ordezkarik, eta aurka 197k. Alde bozkatu dutenen artean daude hamar ordezkari errepublikano. Senatuko buru Mitch McConnell errepublikanoak aitortu du ez duela garbi zer bozkatuko duen auzia goi ganberara heltzen denean.
AEBetako historian lehen aldiz, presidente batek bi impeachment prozesuri egin beharko die aurre. Donald Trumpek izango du ohore hori, Alderdi Demokrataren ekimenez. Estatuburu errepublikanoari gertatutakoa ordainarazi egin nahi diote demokratek, eta errepublikano batzuek, bere jarraitzaile andana bat Kapitolioaren aurka bidali izana. Aukera guztiak baliatu dituzte horretarako, Mike Pence presidenteordeari hura kargutik kentzeko eskatuz lehenik –Pencek uko egin zion halakorik egiteari argudiatuta horrek «egoera are gehiago sutuko» zuela–, eta haren aurkako auzi politikoari bide eginez azkenik. Atzo, Washingtonen arratsalde hasiera zenean, eta Euskal Herrian 22:40ak, Ordezkarien Ganberako gehiengoak baiezkoa eman zion Trumpen aurkako epaiketa hasteari. Aldeko 232 botorekin eta aurkako 197rekin onartu zuten estatuburuaren aurkako epaiketa politikoa abian jartzea. Joe Bidenek, oraindik presidente hautatua denak, ontzat eman zuen ganberaren erabakia, baina nabarmendu zuen Senatuaren ardura izango dela orain Trump kargutik kentzeari buruzko auzi saioak aurrera eramatea, «nazioarentzat oinarrizkoak diren eginbeharrak» bere gain hartzen dituen bitartean. Pelosik ez zuen atzo argitu noiz helaraziko dioten Senatuari prozedura hasteko eskaria, baina ez dago zalantzarik hurrengo legealdian izango dela hori. Halla, epaiketak oztopatu egin ditzake Bidenek lehentasuntzat jotako hainbat gai eta erabaki, besteak beste, pandemiaren aurkako neurriak. Hori dela eta, buruzagi berriari lanerako tarte bat ematearen aldekoak dira, eta auzia atzeratzeko proposatu dute. Orain arteko bidea azkarra eta erraza izan den arren, Senatuan oztopo handiagoa topatuko dute demokratek Trump errrudunttzat jotzeko garaian. Izan ere, goi ganberako senatarien bi herenen babesa behar dute horretarako, eta horrek esan nahiko luke ehun senatari errepublikanoetatik 17ren baiezkoa lortu behar dutela. Aurreko impeachment saioan ez bezala, oraingoan alderdi errepublikanoak askatasuna eman die bere senatariei bozkatzeko garaian, eta hainbatek dagoeneko aurreratu dute zalantzan daudela; esaterako, Mitch McConnell errepublikanoen senatuko buruzagiak aurreratu du «aurkezten dituzten argudioen arabera» hartuko duela azken erabakia, baina onartu du badaudela Trump auzipetzeko nahikoa oinarri. Erantzukizun eske Nancy Pelosi ganberako presidenteak abiatu zuen bozketa aurreko eztabaida, ohartaraziz ezinezkoa dela «historiari ihes» egitea: «Aurrera egin behar dugu. Bera [Trump] mehatxu argi eta berehalakoa da maite dugun nazioarentzat». Hala, buruzagi demokratak «oinarrizkotzat» jo du epaiketa politikoa egitea, nahiz eta ez izan denen gustukoa. «Gaur, hemen, Konstituzioa babestera etorri gara hona». Pelosik hitza hartu baino minutu batzuk lehenago Trumpen aurkako salaketak irakurri zituzten behe ganberan. Estatuburu errepublikanoari leporatzen diote «AEBetako Gobernuaren aurkako indarkeria» bultzatzea, eta ohartarazten dute hark karguan jarraituko balu kolokan jarriko lituzkeela «segurtasun nazionala, demokrazia eta Konstituzioa». Duela bi urte ez bezala, errepublikanoen artean ere izan dira Trump kargutik kentzearen alde bozkatu dutenak. Zehazki hamar izan dira impeachment-a babestu dutenak –halako bozketa batean bere alderdiko buruzagiaren aurka bozkatu duen kopururik handiena; izan ere, Bill Clintonekin, soilik bost demokratak egin zuten haren aurka–. Trump auzipetzearen alde bozkatu dutenetako bat da Wyomingeko ordezkari eta Dick Cheney presidenteorde izandakoaren alaba Liz Cheney: «Gertatu den guztia haren erantzukizuna da. Ez zatekeen halakorik gertatuko presidentearengatik ez balitz. Auzipetzearen alde bozkatuko dut». Harekin bat etorri zen, esaterako, ganberan gutxiengoan diren errepublikanoen buru Kevin McCarthy ere. Hark egotzi zion Trumpi manifestarien jarrera txarretsi ez izana, horiek Kapitolioaren aurka jo zutenean. Baina Cheneyk ez bezala, McCarthyk defendatu zuen ez zela beharrezkoa epaiketa bat hastea, eta nahikoa litzatekeela ikerketa batzorde bat osatu eta estatuburuaren jarrera ofizialki gaitzestea. Izan ziren, errepublikanoen artean, Trumpen jarreratik urrundu arren auzipetzearen aurka agertu zirenak. Horietako bat izan zen Hego Carolinako senatari Lindsey Graham, ohartaraziz epaiketa batek okerragotu egingo lukeela egoera. «Impeachment-ak instituzioen egoera okerragotuko luke, eta indarkeria gehiago sustatuko», esan zuen Grahamek, behe ganberako eztabaida hastear zegoela. «Indarkeriarik ez» Ordezkarien Ganberan eztabaida betean zirenean, komunikatu ofizial bat plazaratu zuen Trumpek hilaren 20rako aurreikusitako manifestazioak baketsuak izan zitezela eskatuz. «Eskatzen dizuet ez dadila indarkeriarik izan. Ez lege hausterik eta ez inolako istilurik ere. Ez da hori nik nahi dudana, ez da hori Amerikak eskatzen duena», zioen bertan estatuburuak. Datorren asteazkenean hartuko du presidente kargua Joe Bidenek, eta FBIk zabaldutako informazioen arabera, Trumpen jarraitzaileek manifestazioak antolatu dituzte egun horretarako AEBetako 50 estatuetako hiriburuetan. Horietatik jendetsuena Washingtonen bertan espero dute. Segurtasun indarrek, gainera, ohartarazi dute litekeena dela miliziek ere parte hartzea. Hori dela eta, Guardia Nazionaleko milaka kide eraman dituzte hiriburura. Gerra garaitik ikusi gabeko irudiak utzi zituen atzoko egunak Kapitolioan, non militarrek hartu zituzten eraikineko gela inguru eta korridorerik gehienak.
2021-1-14
https://www.berria.eus/albisteak/192219/zigor-handia-jaso-du-realak.htm
Kirola
Zigor handia jaso du Realak
Txuri-urdinak Espainiako Superkopatik kanpo geratu dira, Bartzelonaren aurka penaltietan galdu ostean. Donostiarrek azkenera arte estutu dituzte kataluniarrak, baina bidean geratu dira.
Zigor handia jaso du Realak. Txuri-urdinak Espainiako Superkopatik kanpo geratu dira, Bartzelonaren aurka penaltietan galdu ostean. Donostiarrek azkenera arte estutu dituzte kataluniarrak, baina bidean geratu dira.
Modu anker batean amaitu da Realak Espainiako Superkopan egin duen ibilbide labur bezain bizia. Txuri-urdinek banako berdinketarekin osatu zuten atzo Bartzelonaren aurkako finalerdiko arauzko denbora, eta, luzapenean golik egon ez zenez, penalti jaurtiketetan erabaki zen zein taldek jokatuko duen igandeko finala: Bartzelonak egin du aurrera, penaltietan 2-3 irabazita. Donostiarrak berandu suspertu ziren hil ala biziko joaldi horietan. Lehen hirurak huts egin zituzten Jon Bautistak, Mikel Oiartzabalek eta Willian Josek. Bartzelonak ere izan zuen makalaldia penaltietan, baina Realak ordurako zaila zuen markagailua iraultzea, eta arerioak gainditu zuen kanporaketa. Azkenerako, zigor handiegia jaso zuen Realak. Imanol Alguacilen jokalariak ondo aritu ziren neurketan zehar, eta estu hartu zituzten Ronald Koemanenak. Arauzko denbora amaitu aurretik izan zuten aukerarik markagailuan aurrea hartu eta finalerako pasea lotzeko. Baita luzapenean ere; bi minuturen faltan, Adnan Januzajek jaurtiketa bikaina egin zuen aldeko falta batean, eta Marc Andrek Ter Stegenek ozta-ozta ukituta saihestu zuen belgikarraren gola. Bartzelonako atezaina bere taldearen salbatzailea izan zen atzo. Kontuak kontu, nahi baino bide laburragoa egin du Realak Superkopan. Hamar eguneko bidaia nahi zuena bi eguneko osteratxoan geratu zaio, baina lezio bat ikasi dute txuri-urdinek: halako kolpeak jasotzeko, halako egoeratan egon behar dela. Taldearen jirakoen nahiz zaleen bihotz maiztasun altuek erakusten dute taldeak gertu izan zuela finalerako urratsa. Erritmo ugariko partida Neurketa bizia izan zen atzokoa. Txinparta jario hasi zen, eta halaxe amaitu zen. Hasi orduko, Realak goian presioa egin zion Bartzelonari, eta kataluniarrek lanak izan zituzten baloia nahieran jokatuta ateratzeko. Lehendabiziko zatiari hobeto ekin zioten donostiarrek; egin nahi zuten hori gogoan hartuta, estu hartu zuten Koemanen taldea, baina azken metroetan asmatu gabe. Dena den, erasora gehiago egin zuten txuri-urdinek lehendabiziko zatian. Erasora begira aritu ziren Mikel Oiartzabal, Alexander Isak eta Cristian Portu, nahiz lehen biek ganora handiagoz eratu jokaldiak. Zelai erdian, berriz, Jon Guridi itsasargi zela, giharra erakutsi zuten gipuzkoarrek, eta Bartzelonari ateak itxi zizkioten. Ez hori bakarrik; baloiak bata bestearen atzetik ostu zituzten donostiarrek, arriskua sortzen saiatuz. Hala, neurketari ekin eta 20 minutura, txuri-urdinek nahi zuten moduan egituratu zuten partida. Kataluniarrak ito nahian aritu ziren, eta hein batean lortu zuten. Ez zuten lortu, ordea, beren legea ezartzea, eta garesti ordaindu zuten hori. Izan ere, minutuek aurrera egin ahala, orekatu egin zen neurketa. Bartzelonak geroz eta erosoago jokatu zuen, eta lehen zatiaren hondarrean nagusitu egin zen Koemanen taldea. Partida goitik behera itxuraldatu zen, eta Alex Remiroren atera egin zuen Bartzelonak, hegaletatik erasora egin eta Realaren areara gerturatuta. Pixkanaka nagusitu zen Bartzelona, eta atsedenaldiaren aurretik lortu zuen saria. 39. minutuan jokaldi ona osatu zuten Martin Braitwhaitek, Antoine Griezmannek eta Frenkie De Jongek. Daniarrak frantziarrarekin jokatu zuen, eta Realeko harrobiko jokalariaren erdiraketa buruz errematatu zuen Herbehereetakoak. 0-1ekoa kolpea izan zen Realarentzat; lehen zatian bi jaurtiketa egin zituen atera Bartzelonak, eta bat atera sartu zuen. Atsedenaldira joan aurretik markagailua berdintzeko aukera izan zuten txuri-urdinek, baina Natxo Monrealen erdiraketa ezin izan zuen inork aprobetxatu. Bigarren zatia estreinakoaren moduan hasi zen: joan-etorrian. Hasi eta hiru minutura, erasora egin zuen Realak, eta De Jongek eskuarekin ukitu zuen area barruan. Txuri-urdinen aldeko penaltia adierazi zuen epaileak; jaurtiketa egin aurretik, Marc Andre Ter Stegen saiatu zen Oiartzabal urduri jartzen, baina eibartarrak, ohikoa duen odol hotz horrekin, sareetara bota zuen baloia. On egin zion golak Realari, erasora egin baitzuen berriz. Nekeak gutxika-gutxika erasan zien jokalariei, eta hori nabaritu egin zen jokoaren erritmoan. Partida hautsita zegoen, eta itzali egin zen berehalakoan; astun bilakatu zen jokoa, eta arerioari neurria hartzen aritu ziren ordutik aurrera. Luzapena, hutsean Lehen 90. minutuetan gol bana sartuta, bi taldeek garaipenaren bila ekin zioten luzapenari. Susperraldi moduko bat bizi izan zuten orduan: abaildutako jokalariak suspertu egin ziren bat-batean, eta aulkitik zelairatutako jokalariek distira eman zioten neurketari. Ander Barrenetxea eta Adnan Januzaj izan ziren horren adibide. Haien eta Oiartzabalen grinaren artean, astindu egin zuten Bartzelona azken minutuetan, eta gertu izan zuten irabazteko zoria. Golik lortu ez, ordea, eta penaltietan balantzak kataluniarren alde egin zuen. Porrot mingarri batetik lezio bat irabazi zuten txuri-urdinek.
2021-1-14
https://www.berria.eus/albisteak/192246/gasteizko-kataluniako-eta-galiziako-lgtbifobiaren-aurkako-behatokiek-espainiako-arartekora-jo-dute.htm
Gizartea
Gasteizko, Kataluniako eta Galiziako LGTBIfobiaren aurkako behatokiek Espainiako arartekora jo dute
Administrazio publikoek behar baino finantzaketa txikiagoa eman dietela salatu dute arartekoari aurkeztutako dokumentu batean. Ikerketa bat egiteko eskatu diote, laguntzak murriztuta biktimentzako arreta zerbitzuak mugatzen direla argudiatuta.
Gasteizko, Kataluniako eta Galiziako LGTBIfobiaren aurkako behatokiek Espainiako arartekora jo dute. Administrazio publikoek behar baino finantzaketa txikiagoa eman dietela salatu dute arartekoari aurkeztutako dokumentu batean. Ikerketa bat egiteko eskatu diote, laguntzak murriztuta biktimentzako arreta zerbitzuak mugatzen direla argudiatuta.
Baliabie ekonomikoak murriztu dizkietela eta, Gasteizko, Kataluniako eta Galiziako LGTBIfobiaren aurkako behatokiek Espainiako arartekoari eskatu diote ikerketa bat abiarazi dezala. Administrazio publikoek finantzaketaren kantitate bat eteteak LGTBIfobiaren biktimei laguntzeko zerbitzuak eskaintzea eragozten duela oroitarazi dute; hala nola lege arreta, arreta juiridikoa eta arreta psikosoziala. "Gero eta kezkatuago gaude baliabideak gero eta gehiago mugatzen ari direlako, eta murrizketa horiek oztopoak dakartzalako gure lanerako", azaldu dute prentsa ohar batean. Ohartarazi dute iturri ekonomikorik gabe, lan egiteko oinarrizko baliabiderik gabe —langileak eta lanerako beharrezko materiala—, ezin dutela arreta egokia eman. Horregatik, Espainiako arartekoari eskatu diote aurkeztutako kexa onartzeko eta ikertzeko ea aurten jaso duten finantzaketa "neurrikoa eta egokia" ote den eskaintzen duten zerbitzua eman ahal izateko. Kataluniako LGTBIfobiaren aurkako behatokiko presidente Eugeni Rodriguezek erregistratu du kexa: "Ez da onargarria beren lurraldeetan lan ukaezina egiten duten eragileek zentimo bakar bat ere ez jasotzea estatuko administrazioen aldetik". Haren ustez, egoera zaurgarrienean dauden kolektiboei arreta espezifikoa eta espezializatua eman behar zaie, eta, horretarako, ezinbestekotzat jo du behatokiok baliabide ekonomiko "duinez" hornitzea. Galiziako behatokiko arduradun Carlos Emiliok ere administrazioei eskatu diete "jabetzeko" zein lan egiten duten eragileok. Ika-mika Gasteizen "Onartezina da gorroto delituen eta diskurtsoen goranzko egoera batean, bizi dugun osasun krisi larrian, LGTBIfobiari aurre egin beharreko baliabideak murriztuz joatea" deitoratu du Amets Martinez de Hereditak, Lumagorriko presidente eta Ikusgune LGTBIfobiaren aurkako Gasteizko Behatokiaren kudeatzaileak. "Erakundeek behatokietatik egiten ari garen lana aitortu eta babestu behar dute", azpimarratu du. Lehenago ere, Lumagorrik salatu izan du Gasteizko Udaleko aurrekontuetan diru sorta txikiagoa jaso dutela gizon eta emakumeen berdintasunaren aldeko eta LGTBIfobiaren eta indarkeria sexistaren aurkako egitasmoek. Zehazki, Ikusgune behatokiarekin udalak zuen hitzarmena 70.000 eurotik 30.000 eurora jaitsi dute, eta behatokiak berariaz jasotzen zituen 20.000 euroak ere ez dituzte sartu aurrekontuetan. Gasteizko Berdintasun Planak ere 45.000 euroko murrizketa jasan duela salatu dute.
2021-1-14
https://www.berria.eus/albisteak/192247/txeroki-hizkuntza-hitz-egiten-dutenek-txertoa-jasotzeko-lehentasuna-dute.htm
Mundua
Txeroki hizkuntza hitz egiten dutenek txertoa jasotzeko lehentasuna dute
Egun, 2.000 lagun inguruk hitz egiten dute hizkuntza horretan Txeroki Nazioan, eta 30 hiztun hil dira COVID-19aren eraginez. Erabakiarekin, «populaziorik zaurgarriena» eta euren kultura babestu nahi dituzte.
Txeroki hizkuntza hitz egiten dutenek txertoa jasotzeko lehentasuna dute. Egun, 2.000 lagun inguruk hitz egiten dute hizkuntza horretan Txeroki Nazioan, eta 30 hiztun hil dira COVID-19aren eraginez. Erabakiarekin, «populaziorik zaurgarriena» eta euren kultura babestu nahi dituzte.
Txeroki hizkuntzaren egoera hain da zaila, Oklahomako (AEBak) Txeroki Nazioan 2.000 lagun besterik ez dira hizkuntza solturaz mintzatzeko gai. Hari eusteko ohiko zailtasunei, gainera, beste bat batu zaie azken urtean; koronabirusaren eragina. Txeroki hizkuntza hitz egiten duten 30 lagun inguru hil dira gaitzaren eraginez, eta, kopuruak gora egiten jarraitzea eragozteko asmoz, erabaki bat hartu du komunitateak: «Lehen hizkuntzatzat» txerokia dutenek lehentasuna izango dute txertoa jasotzeko orduan, adinekoekin eta osasun langileekin batera. Txeroki Nazioko zuzendari Chuck Hoskinek CNNri azaldu dizkio arrazoiak: «Mintzatzaile bat galtzen duzunean, eta erraztasunez hitz egiten duten 2.000 hiztun bakarrik geratzen zaizkion tribu bat zarenean, ez duzu soilik ordezkatu ezin den zerbait galtzen; bizitza honetan dena den bezala, altxor nazional bat galtzen duzu». Uste dute horiek, COVID-19aren pandemiatik «bizirik ateratzen» badira eta «euren jakituria» transmititzen badute, txeroki hizkuntzaren iraupena ziurtatzen lagun dezaketela. Oklahoma estatuko ipar-ekialdeko erreserban 141.000 txeroki inguru bizi dira. Han, 12.300 COVID-19 kasu inguru baieztatu dituzte, eta 60 lagun baino gehiago hil dira. Heriotzen artean, 30 inguru izan dira txeroki hizkuntza erabiltzen duten adineko herritarrak. Tribuak abendu erdialdean jaso zituen Pfizer enpresaren lehen txertoak, eta berehala abiatu zuen txertaketa. Besteak beste, Euskal Herrian egin bezala, hainbat fasetako prozesu bat garatu dute, Txeroki Nazioaren osasun zerbitzuaren webgunean azaltzen dutenez. Hala, «lehen lerroan dauden osasun langileek» eta «adinekoek» dute txertoa jasotzeko lehentasuna. Horiekin batera jarri dituzte «lehen hizkuntza» txerokia dutenak ere. Hala, «osasun zerbitzuak eta txeroki populaziorik zaurgarriena» babesteaz gain, «kultura» ere zaintzeko hautua egin dute. Orain arte, txeroki hizkuntzan mintzatzen diren 600 lagun inguru txertatu dituzte, eta astea amaitu aurretik 1.000 izatea espero dute. «Galtzeko arriskuan» Txeroki hizkuntza «galtzeko arrisku bizian» dago. Hala azaldu zion Misha Becker hizkuntzalariak BERRIAri, duela pare bat urte eginiko elkarrizketa batean. Hala, egun gehienez 10.000 hiztun izango dituela adierazi zuen hark: «Azken datuen arabera, mila eta hamar mila hiztun bitarte daude. Aldeak horren zabalak dira, hitz solteak dakizkiten herritarrak hiztuntzat hartzen baitira, baina txerokiz elkarrizketa oso bat mantentzeko gai direnak gutxi dira». Horietako gehienak Oklahoman bizi dira, Txeroki Nazioan.
2021-1-14
https://www.berria.eus/albisteak/192248/italiako-gobernua-kolokan-da-bi-ministrok-dimisioa-eman-ostean.htm
Mundua
Italiako Gobernua kolokan da, bi ministrok dimisioa eman ostean
Renziren alderdikide Teresa Bellanova eta Elena Bonetti dira kargua utzi dutenak. Lehen ministro izandakoa oso kritiko agertu da Giuseppe Conteren gobernuak zer-nola kudeatu duen pandemia.
Italiako Gobernua kolokan da, bi ministrok dimisioa eman ostean. Renziren alderdikide Teresa Bellanova eta Elena Bonetti dira kargua utzi dutenak. Lehen ministro izandakoa oso kritiko agertu da Giuseppe Conteren gobernuak zer-nola kudeatu duen pandemia.
Hautsi egin da Italiako koalizio gobernua. Bart gauean gertatu zen. Lehen ministro izandako Matteo Renziren alderdiko bi ministrok dimisioa eman baitzuten. Italia Viva alderdiko Teresa Bellanova Nekazaritza ministroa eta Elena Bonetti Familia ministroa dira kargua utzi dutenak. Renzi oso kritiko agertu da azken asteetan Giuseppe Conte lehen ministroak zer-nola kudeatu duen pandemia. «Arrazoiren bat egon behar du Italia izan dadin koronabirusak jende gehien kutsatu eta hil duen herrialdea izateko, bai eta BPG barne produktu gordinak beheraldi handiena izan duena ere», salatu zuen Renzik, dimisioen berri eman ondoren. Koalizioa apurtzear zela jakinda, Italiako presidente Sergio Mattarellarekin bildu zen Conte eta ohartarazi zion hautesleek ez zutela begi onez ikusiko gobernuaren azken krisia: «Ez dute ulertuko haustura, horrenbeste erronka ditugunean. Bozetara jotzen badugu, zigortu egingo gaituzte». Hala Contek baimena eskatu zion Mattarellari beste gobernu koalizio bat osatzen ahalegintzeko. Horretarako, baina, alderdi txikiagoekin aliantzak egin beharko ditu, eta horien artean egon liteke Silvio Berlusconi gobernuburu ohiaren Forza Italia kontserbadorea. Contek nahikoa babes lortu ez balu, litekeena da Mattarellak beste norbaiti eskatzea gobernua osatzeko, besteak beste, hauteskundeak egin behar izatea saihesteko. Italian soilik presidenteak du bozetara deitzeko eskumena, baina herrialdea pandemia betean egonik, bere esku dagoen guztia egingo du hark pauso hori eman behar ez izateko. Conte 2018an heldu zen agintera Bost Izarren Mugimenduaren eta Matteo Salviniren Ligaren arteko koalizioari esker. Elkarlanak, baina, urtebete iraun zuen, eta 2019an hautsi egin zen. Orduan, Renziren zentro-ezkerreko Alderdi Demokratikoarekin egin zuen akordioa Bost Izarren Mugimenduak Conteri arnasa emanez. Baina Renzik laster utzi zuen Alderdi Demokratikoa, eta Italia Viva taldea sortu. Geroztik, oso gogor jo du gobernuaren aurka, eta krisia sortu da Europak pandemiatik irteteko emandako 180.000 milioi euroak nola baliatu eztabaidatzen hasi diren honetan.
2021-1-14
https://www.berria.eus/albisteak/192249/bengoak-hiru-edo-lau-asteko-itxialdia-eskatu-du.htm
Gizartea
Bengoak hiru edo lau asteko itxialdia eskatu du
Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu ohiak uste du Erresuma Batuko aldaera «gutxiesten» ari direla, eta txertaketa azkartzeko eskatu du.
Bengoak hiru edo lau asteko itxialdia eskatu du. Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu ohiak uste du Erresuma Batuko aldaera «gutxiesten» ari direla, eta txertaketa azkartzeko eskatu du.
«Egoera kontatzen dutena baino dezente larriagoa da». Hori iruditzen zaio Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu ohiari, Onda Vasca irratian egin dioten elkarrizketan azaldu duenez. Haren irudiko, Erresuma Batuko aldaera «gutxiesten» ari dira, eta konponbide bat proposatu du: hiru edo lau astean etxean ixteko eskatu du. Orain arteko erabakiei erreferentzia eginez, nabarmendu du «antzeko neurriekin» jarraitzea erabaki dutela, «gogorrago esku hartu beharrean». Izan ere, «erdizkako kontrolarekin» segituko dutela iruditzen zaio, «bigarren olatuan egin bezala». Baina ohartarazpen bat egin du: hirugarren olatuan, Erresuma Batuko aldaera ere egon daiteke, «eta egongo ez balitz ere, zenbakiak oso altuak dira». Horri aurre egiteko, konponbidea izan daitekeena ere proposatu du Bengoak: berriz ere etxean konfinatzea. Uste du Espainiako Gobernua ez dela ari horretan pentsatzen, baina autonomia erkidegoei aukera hori ematearen alde egin du Bengoak: «Gutxienez, arautegi bat prestatzen egon beharko luke, eskatzen duten autonomia erkidegoen neurri hori [konfinamendua] hartzeko aukera izan dezaten». Txertoaz ere aritu da Bengoa. «Beharrezkoak da posible diren baliabide guztiak erabiltzea», azpimarratu du. Uste du txertaketa azkartu beharra dagoela, «birusari mutatzeko denborarik ez emateko». Horretarako, esaterako, kiroldegietan txertatzea proposatu du, baita giza baliabideetan «eginahalak egitea» ere, «uda erdi normala izan dezagun». Ekonomia buruan «Ekonomiari gehiago eragingo dio hilabete askoan ahalik eta gutxiena egiten saiatzen jarraitzen badute», ohartarazi du Bengoak. Aldiz, eragin txikiagoa izango duela iruditzen zaio konfinamendu «laburra eta gogorra» egiteak, «gero argia ikusteko».
2021-1-14
https://www.berria.eus/albisteak/192250/patxi-zamorak-oso-garrantzitsutzat-jo-du-bruselak-bere-auzian-jarrera-bat-hartzea.htm
Politika
Patxi Zamorak «oso garrantzitsutzat» jo du Bruselak bere auzian jarrera bat hartzea
Europako Legebiltzarrean EAJko Izaskun Bilbaok egindako galdera bati erantzunez, Didier Reynders Europako Batzordeko Justizia komisarioak zehaztu du poliziek ezin dituztela herritarrei buruz duten informazioa erabili administrazio arloko erabakiak baldintzatzeko.
Patxi Zamorak «oso garrantzitsutzat» jo du Bruselak bere auzian jarrera bat hartzea. Europako Legebiltzarrean EAJko Izaskun Bilbaok egindako galdera bati erantzunez, Didier Reynders Europako Batzordeko Justizia komisarioak zehaztu du poliziek ezin dituztela herritarrei buruz duten informazioa erabili administrazio arloko erabakiak baldintzatzeko.
Patxi Zamorarena ez da kasu bakarra. Hiru hamarkadaz, Iberiako hegazkin zerbitzari gisa lan egin izan du Kontuz! herri plataformako eledunak, eta 2018an, erretiroa hartzeko gutxi falta zitzaiola, aireportuetan sartzeko baimen berezia atzera bota zion Guardia Zibilak. Denborarekin jakin dute arbitrariotasun berarekin jokatu dutela aireportuetan lan egin izan duten beste bi langileren aurka ere: batarekin, alderdi komunistako militante izateagatik, eta bestearekin, errepublikazalea izateagatik. Haren auzia argitzeko borroka politiko eta juridiko etengabean, ezustea eman du Europako Legebiltzarrak. EAJko Izaskun Bilbaoren galdera bati erantzunez, Didier Reynders Europako Batzordeko Justizia komisarioak zehaztu du ezein estatutako Poliziak ezin dituela bere artxibategiak erabili administrazio arloko erabakiak baldintzatzeko. Era berean, gaineratu du Europako Batasuneko estatukide orok ziurtatu egin behar duela irizpide hori betetzen dela. Azkenik, azaldu du EBko herritar orok eskubidea duela jakiteko poliziak zer informazio duen norberari buruz. «Adierazpen horrek garrantzia du, ez baita kazetariei mikrofono aurrean egindako adierazpen soil bat. Europako Legebiltzarrean egindako galdera bati emandako erantzun instituzional bat da, eta haren edukia bete beharrekoa da», nabarmendu du Zamorak. Izaskun BIlbaok Bruselan egindako lana eskertu du, haren ondorioz etorri baita erantzuna. Galderak zioen ea guardia zibilak erabiltzen dituen bere artxiboak Zamora eta aireportuko beste langile batzuk kaleratzeko. Reyndersek, erantzunean, ez du ofizialki baiezkorik ematen, baina zeharka aditzera ematen du kasuen berri badutela. Patxi Zamorak horri garrantzi berezia eman dio. Alta, horrek ez du esan nahi Espainiak berehalakoan egoera aldatuko duela. Europako Batasuneko estatuek neurriak hartzeko ahalmena dute, baina, era berean, EBko arauak bete behar dituzte. Horregatik, Zamorak nabarmendu du erantzun instituzional horrek balio judizial eta politikoa duela. Judizialki, erabakia arbitrarioa izan zen tesia indartu dezake. «Agian, ez da sekulako froga, baina balio dezake epaileari ikusarazteko zer arraio gertatu den». Auzitegietan hainbat auzi ireki ziren, baina urteotan itxi egin dira. Dena den, Zamoraren arabera, garrantzitsuena «erabakitzeke» dago oraindik. Auzitegi Goreneko administrazio auziekiko aretoak ebatziko du ea auzia Madrilgo Auzitegi Nagusira itzultzen duen. Auzibide horretan argitu beharko litzateke administrazio arloan Zamorari baimena kentzeko erabaki administratiboa zuzen edo oker hartu zuen Guardia Zibilak. Politikoki, berriz, Espainiako Kongresuan indar ugari batzeko aukera ikusten du Zamorak. Bere aurrekari politikoengatik halako baimena kendu zaien beste bi herritar egonik, Europako Batzordearen erantzun instituzionalak hauspotu egin dezake Kongresuko hainbat talde ekinbide berean batzeko aukera. Halaber, Europako Arartekora jotzeko asmoa dute.
2021-1-14
https://www.berria.eus/albisteak/192251/cafek-eta-bombardierrek-146-tren-egiteko-kontratua-lortu-dute-parisen.htm
Ekonomia
CAFek eta Bombardierrek 146 tren egiteko kontratua lortu dute Parisen
2.560 milioiko kostua du, eta lanak nola banatuko dituzten zehaztu ez duten arren, azken urteetako eskaera handienetakoa izango litzateke
CAFek eta Bombardierrek 146 tren egiteko kontratua lortu dute Parisen. 2.560 milioiko kostua du, eta lanak nola banatuko dituzten zehaztu ez duten arren, azken urteetako eskaera handienetakoa izango litzateke
CAFentzat Frantziatik datoz berri onak. Beasaingo (Gipuzkoa) tren ekoizlea Kanadako Bombardierrekin batera 2.560 milioiko lan kontratu bat lortu du Parisen, 146 tren egiteko, Frantziako hiriburuko iparraldea eta hegoaldea, eta haren aireportuak lotzen dituen RER B linearentzat. Kontratua oraindik ez dute sinatu, baina «lehenbailehen» egitea espero dute alde guztiek. Zifren tamaina kontuan hartuta, esan daiteke azken urteetako handienetako bat izango dela Euskal Herriko multinazionalarentzat. Eta hori mugikortasunaren sektoreak egun bizi duen testuinguru zailean lortu izanak, balio bikoitza ematen dio. Bitartean, CAFek zain jarraitzen du Espainiako Renfek aurki jakinarazitu dituen bi kontratu handiak nori emango dizkion zain: 1.000 milioikoa da bata eta 1.700 milioikoa bestea. Horien zati bat lortzea da bere nahia. CAFek Parisko lehiaketa irabazteko borroka handia egin behar izan du. Bombardierrekin partzuergoa osatuta lortu du, eta aurrean Alstom frantziarra izan dute. Herrialde hartako hedabide batzuen arabera, 500 milioi euroko aldea egon da irabazleen eta galtzailearen artean. Lehiaketak oihartzun zabala izan du komunikabideetan: Frantziako enpresa bati kontratua eman ez izanak kritika ugari eragin ditu. Abenduan, erabakia hartuta zegoenean, Alstomen salaketa baten ondorioz, esleipena eten behar izan zuten. Kontratazio prozesua partzialki berrabiarazteko eskatu zuen, besteak beste. Epaitegietan jarraitzen du auziak, baina epaileak aukera eman du CAFek eta Bombardierrek kontratua sinatzeko. 11 egun izango dituzte horretarako eta epe horretan Alstomek berriro aurkeztu ahal izango du helegitea. Azken egunetan, RATP, SNCF eta Ile de France Mobilites garraio operadoreek prozesua «bizkortu» nahi izan dute; horregatik berretsi dute kontratua CAFentzat eta Bombardierrentzat izango dela. Komunikabideetara bidalitako oharrean, dena den, ez duteakordioari buruzko zehaztasun gehiago eman; adibidez, lanak nola banatuko dituzten CAFen eta Bombardierren artean, edo bestela esanda, 2.560 milioietatik zenbat dagozkion bati eta zenbat besteari. Frantziara begira Beasaingo enpresa bere ohar laburrean azken urteotan Frantzian azken urteetan sinatu dituen kontratuen garrantzia azpimarratzera mugatu da. 2019ko amaieran egindako bat nabarmendu du, 700 milioi eurokoa, Paris-Clermont eta Paris-Limoges-Toulouse lineetarako 25 tren egitekoa, beste 75 egiteko aukerarekin. Gogoratu du, halaber, Nantes, Besançon eta St. Etiennenerako tranbiak egiteko eta Lyongo metroaren flota birgaitzeko eskaerak dituela, eta Okzitaniako Bigorren lantegi bat duela. Bestalde, Kanadako Bombardierrek ere kontratu garrantzitsuak egin ditu Frantziarekin azkan aldian: 565 milioi euroko bat sinatu zuen urte amaieran, SNCFrentzat 33 tren egiteko. Horien propultsio sistemak multinazionalak Trapagarenen (Bizkaia) duen fabrikan garatuko dituzte.
2021-1-14
https://www.berria.eus/albisteak/192252/eguneko-mila-positiboren-langara-hurbiltzen-ari-da-hego-euskal-herria.htm
Gizartea
Eguneko mila positiboren langara hurbiltzen ari da Hego Euskal Herria
984 kasu atzeman dituzte Osasunbideak eta Osakidetzak, atzo 15.712 proba egin eta gero
Eguneko mila positiboren langara hurbiltzen ari da Hego Euskal Herria. 984 kasu atzeman dituzte Osasunbideak eta Osakidetzak, atzo 15.712 proba egin eta gero
Eguberrien eragina nabari da jada COVID-19ak Hego Euskal Herrian duen transmisio mailan. Hazi eta hazi ari da egunero atzemandako positiboen kopurua, eta transmisio kurbaren goranzko joerak ez du etenik. Eguneko 1.000 positiboren langara hurbiltzen ari dira Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa. Atzo, esate baterako, 984 kasu atzeman zituzten Osakidetzak eta Osasunbideak, 15.712 PCR eta antigeno proba egin ostean. Hortaz, positibo tasa %6,2 da oraintxe. Herrialdeka, 119 positibo antzeman zituzten Araban, 428 Bizkaian, 209 Gipuzkoan eta 213 Nafarroan. Ospitaleetako egoeraren berri eman dute Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ere: 75 pertsona ospitaleratu zituzten atzo COVID-19aren eraginez, eta ZIUetan 96 paziente daude orain.
2021-1-14
https://www.berria.eus/albisteak/192253/inoizko-labar-arte-figuratiborik-zaharrena-aurkitu-dute-indonesian.htm
Kultura
Inoizko labar arte figuratiborik zaharrena aurkitu dute Indonesian
Duela 45.500 urteko sus cebifrons edo urde garatxodun baten marrazkia aurkitu dute Sulawesi uharteko leize-zulo batean.
Inoizko labar arte figuratiborik zaharrena aurkitu dute Indonesian. Duela 45.500 urteko sus cebifrons edo urde garatxodun baten marrazkia aurkitu dute Sulawesi uharteko leize-zulo batean.
Indonesiako eta Australiako arkeologo talde batek duela 45.500 urteko urde baten marrazkia aurkitu du Indonesiako Sulawesi uharteko leize-zulo batean. Science Advances aldizkarian Adam Brumm arkeologoetako batek azaldu duenez, inoizko labar arte figuratiborik zaharrena izan daiteke. Orain arte ezagutzen zen labar arte figuratiborik zaharrena duela 43.900 urteko ehiza eszena abstraktu bat zen, 2020an uharte berean arkeologo talde berak aurkitutakoa. Arkenas Indonesiako Ikerkuntza Arkeologikoko eta Australiako Griffith Unibertsitateko arkeologoek egin dute ikerkuntza. Txerrien familiako sus cebrifrons bat da margotuta aurkitu dutena, txerri garatxodun ere esaten zaiona. Sus cebifrons txerria Bisayak uharteetako espezie bat da, eta, gaur egun, galtzeko zorian dago. Leize-zuloko marrazkikoa gandor gorri batekin ageri da, eta begien aurrean bi garatxo dauzka, urde horren helduaroaren ezaugarri bat. «Beste bi urde garatxodunen arteko borroka bat edo hartu-eman bat ikusten ari dela dirudi», zehaztu du Brummek. Espezie horretako txerriak milaka urtetan margotu dituzte gizakiek inguru horietan, batik bat Izotz Aroan. Leize-zulo berean duela 32.000 urteko antzeko beste margolan batzuk aurkitu dituzte. Adituen arabera, margolan horiek guztiek frogatzen dute gizakiek Asia eta Australia-Ginea Berri arteko uharteak duela 65.000 urte zeharkatu zituztela. Leang Tedongnge leize-zuloko hormetako batean aurkitu dute margolan hori. Hango biztanleen arabera, soilik eurak sartu dira orain arte leize-zulo horretan. Arkeologo taldea 2017an hasi zen han indusketak egiten. Kareharri haitzek osatzen dute Sulawesi uhartea, eta leize-zulo hori amildegien artean dagoen ibar batean dago; urtaro lehorrean soilik ailega daitezke kobazulora, euri urtaroan hara iristeko bidea urak hartzen baitu.
2021-1-14
https://www.berria.eus/albisteak/192254/bihar-hastekoak-dira-osakidetzako-eta-osasunbideko-langileei-txertoa-jartzen.htm
Gizartea
Bihar hastekoak dira Osakidetzako eta Osasunbideko langileei txertoa jartzen
SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuen irudiko, «propagandistikoa» da Osakidetzako langileak txertatzen hasiko direla iragartzea.
Bihar hastekoak dira Osakidetzako eta Osasunbideko langileei txertoa jartzen. SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuen irudiko, «propagandistikoa» da Osakidetzako langileak txertatzen hasiko direla iragartzea.
Atzo iritsi ziren Modernaren txertoaren lehen dosiak Hego Euskal Herrira, eta Osakidetzak osasun langileei jarriko die txerto hori, bihar hasita. «Eskuragarri dauden dosiak ahalik eta lasterrena jartzen hasiko dira osasun langileei, salbuespen gisa», jakinarazi dute ohar batean. Bi arrazoi eman dituzte horretarako: mugitzeko eta manipulatzeko dituen «zailtasunak» eta 65 urte baino gutxiago dituzten pertsonen artean «emaitza hobea» ematen duela. «Ezohiko txertaketa» Gurutzetako ospitalean hasiko da. Azaldu dutenez, txerto kopurua mugatua dela eta, lehentasunez zein osasun profesionalek txertatu behar duten zehaztu dute: «Aurreikuspenen arabera, datozen egunetan Modernatik jasotako dosien erdiak (700) Osakidetzako hainbat erakundetako Zainketa Intentsiboetako Unitateetako zerbitzuetako profesionalei jarriko zaizkie». Halere, Osakidetzako zuzendaritzak ziurtatu du txertaketa «planifikatutakoaren arabera» egiten ari direla: lehenik, zahar etxeetako egoiliarrak eta langileak, eta, ondoren, osasun langileak. Nafarroan, bihar hasiko dira ere osasun langileak immunizatzen. Ez dute zehaztu, dena den, jarriko dieten txertoa Pfizer-BioNtech enpresarena ala Moderna laborategiena den. Osasunbideak azaldu duenez, osasun zentro publiko zein pribatuetako langileei jarriko dizkiete lehen dosiak. Iruñerriko osasun zentroetako langileak Refena gunean txertatuko dituzte, eta gainerakoak, berriz, horretarako propio prestatutako unitate ibiltarietan. Martxoaren 22rako, 18.000 osasun langile immunizatu nahi dituzte. «Propagandistikoa» SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuen irudiko, «propagandistikoa» da Eusko Jaurlaritzak iragartzea Osakidetzako langileak txertatzen hasiko direla. «Eusko Jaurlaritzak egin nahi duen propagandatik harago, gaur ez da hasten Osakidetzazko langileen txertaketa», nabarmendu du Esther Saavedra ELAko kideak. Gaur goizean osasun langileek egin duten protesta batean egin ditu adierazpenak, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren «inprobisazioa» salatu du. Izan ere, haren hitzetan, joan den ostiralean izan zuten bilera Osasun Sailarekin, eta adierazi zieten ez zekitela zein txerto jarriko zieten, ezta noiz ere, baina atzo «aprobetxatzea» erabaki zuen 1.400 dosi iritsi izana, osasun langileei «modu inprobisatuan» jartzeko . «Ezin da esan jada benetan osasun langileak txertatzen ari direla», azpimarratu du. Saavedrak datuak eman ditu esandakoa berresteko. Azaldu duenez, 1.400 dosi iritsi dira Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara, eta Osakidetzan 40.000 langile daude. Bakoitzari bi dosi jarri behar zaizkionez, 700 langile txertatuko dituzte. Txertaketa «benetan salbuespenezkoa» izango dela esan du.
2021-1-14
https://www.berria.eus/albisteak/192255/behatokiak-salatu-du-ertzainen-lan-deialdiak-ez-dituela-hizkuntz-eskubideak-bermatzen.htm
Gizartea
Behatokiak salatu du ertzainen lan deialdiak ez dituela hizkuntz eskubideak bermatzen
Legegintzaldi honetan 700 ertzainentzako lanpostuak eskainiko ditu Eusko Jaurlaritzak, eta horietatik 238k ez dute hizkuntz eskakizunaren derrigortasun datarik, Behatokiak salatu duenez. Gainerako 462 lanpostuetan B2 hizkuntz eskakizuna behar da.
Behatokiak salatu du ertzainen lan deialdiak ez dituela hizkuntz eskubideak bermatzen. Legegintzaldi honetan 700 ertzainentzako lanpostuak eskainiko ditu Eusko Jaurlaritzak, eta horietatik 238k ez dute hizkuntz eskakizunaren derrigortasun datarik, Behatokiak salatu duenez. Gainerako 462 lanpostuetan B2 hizkuntz eskakizuna behar da.
Ertzain eta udaltzain izateko lan deialdi esanguratsua jarri dute abian Eusko Jaurlaritzak eta Eudelek. Denetara, 751 leku eskainiko dira, horietatik 700 ertzain izateko, eta gainerakoak, hemezortzi herritan udaltzain izateko. Bada, Agurne Gaubeka Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendariak azaldu duenez, «lan deialdi horietako hizkuntza eskakizunek baldintzatuko dute etorkizuneko Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren hizkuntza gaitasuna, eta, ondorioz, baita herritarren eskubideak ere». Legegintzaldi honetan egingo diren lan deialdiak, ordea, ez ditu nahikoa berme eskaintzen, azaldu duenez. Izan ere, Ertzaintzarako 700 lanpostuetatik 238k ez dute hizkuntz eskakizunaren derrigortasun datarik. Gainerako 462 postuetan B2 hizkuntza eskakizuna eskatzen da. Udaltzaingoari dagokionez, 57 lanpostuetatik 14k ez dute derrigortasun datarik. Behatokiak Gasteizko kasuan jarri du azpimarra: 11 postuetatik zazpik ez baitute hizkuntza betebeharrik. Hizkuntza eskakizun horiek «muga dira euskaraz zerbitzua jaso nahi duten herritarrentzat», Gaubekaren iritziz. Izan ere, agente denek euskaraz jakin ezean, nekez bermatu ahal izango da euskarazko zerbitzua: «Derrigortasun data duten langile kopurua ez da herritarren eskubide eta zerbitzuaren kalitatearen bermeari begira ezartzen, baizik eta euskaraz dakiten balizko herritar kopuruaren arabera». Gogora ekarri nahi izan du, bestalde, Jaurlaritzak berak ezarritako irizpideen arabera herritarren hizkuntza aukera beti errespetatu behar dela. Baina urterik urte Behatokiak kexa ugari jasotzen ditu herritarren partetik, Ertzaintzak zein Udaltzaingo zerbitzuek ez dietelako bermatzen euskarazko zerbitzua. «Salaketa hauek erakusten dute hutsuneak hor jarraitzen duela». Behatokiak Ertzaintzaren egungo egoera irudikatzeko datuak ere eman ditu. 2017an amaitutako euskara planaren arabera, 7.407 ertzainez osatutako lantaldetik %51k ez dauka euskarazko gaitasunik egiaztatuta. 2022an amaitzen den euskara planaren arabera, bestalde, Ertzaintzak euskaraz lan egitea eta herritarren hizkuntza eskubidea bermatzea du helburu. «Aurrerapausoak egin badira ere, bistan da ez dela nahikoa».
2021-1-14
https://www.berria.eus/albisteak/192256/zamaketariek-akordio-bat-onartu-dute-lan-hitzarmena-negoziatzen-jarraitzeko.htm
Ekonomia
Zamaketariek akordio bat onartu dute lan hitzarmena negoziatzen jarraitzeko
Langile batzordearen gehiengoak sinatu du, baina ELA eta LAB kanpoan gelditu dira. Orain, hamabost egun dituzte negoziazio mahai berria osatzeko.
Zamaketariek akordio bat onartu dute lan hitzarmena negoziatzen jarraitzeko. Langile batzordearen gehiengoak sinatu du, baina ELA eta LAB kanpoan gelditu dira. Orain, hamabost egun dituzte negoziazio mahai berria osatzeko.
Bilboko portuko lan gatazkaren korapiloa askatzen hasteko akordioa lortu dute zamaketarien sindikatuetako batzuek eta Bilbo Estibak. Espainiako lan ministerioaren zaintzapean egun eta erdiz negoziatu ondoren, Coordinadorak, UGT eta Kaia sindikatuetako ordezkariek akordio bat lortu dute Bilboko portuko zamaketa enpresak batzen dituen elkartearekin. Bi aldeek zazpi akordio puntu adostu dituzte «negoziatzen jarraitzeko». ELA eta LABek ere ordezkaritza bat dute langile batzordean, baina ez dira gehiengoa, eta haiek ez dute akordioa sinatu. Azken bi egun hauek gorriz markaturiko egunak ziren Bilboko portuko bulegoetan eskegita dauden egutegietan. Bi aldeak eta Espainiako lan ministerioak biltzekoak ziren Madrilen negoziazioen norabidea aldatzen saiatzeko, eta, txikiak badira ere, aurrera egiteko moduko fruituak eman ditu. Lan ministerioak zehaztu du bi aldeek «konpromiso» bat lortu dutela bilerekin jarraitu ahal izateko. Lan hitzarmen berria da eztabaidatzen ari direna, eta zamaketariek euren lan karga ziurta dadila nahi dute. Portu barneko hainbat jardun, baina, liberalizatu egin ditu Europako Parlamentuak, eta horrek zaildu egin ditu bilerak. Akordioaren arabera, sektore mailako mahai bat eratuko da orain, «Bizkaiko zamaketari guztiak barnean hartuko dituena». Alegia, kontratu mugagabea duten 320 zamaketariak, eta behin-behinean daudenak. Behin-behinekoen baldintzak dira gatazkako eskaeretako bat. Akordioetako puntu bat «behin-behinekotasuna murrizteko» proposamenak onartzea da. Bi aldeek hamabost eguneko epea dute orain negoziazio mahaia osatu eta berriz biltzeko. Bilboko zamaketariena azken hilabeteetako grebarik luzeena izan da. Urri eta abendu artean 55 eguneko lanuztea egin zuten, eta eragin handia izan zuten azpiegituraren jardunean. Enpresak, aurretik, Jaurlaritzaren bitartekaritzari uko egin zion negoziazioan, eta, azkenean, Lan Ministerioak lortu du bi aldeak batzea. Akordiorik lortu izan ez balitz, giroa are gehiago gaiztotzeko arriskua zegoen; zamaketariak grebara itzultzeko prest zeudelako eta enpresek begi onez ikusten zutelako auzia arbitraje betearazle baten bidez argitzea.
2021-1-14
https://www.berria.eus/albisteak/192257/herbehereetako-gobernuak-dimisioa-eman-dezake.htm
Mundua
Herbehereetako Gobernuak dimisioa eman dezake
Seme-alabengatik laguntzak jaso zituzten familiei dirua itzultzeko eskatu die gobernuak, gurasoen ardura ez ziren «akatsengatik».
Herbehereetako Gobernuak dimisioa eman dezake. Seme-alabengatik laguntzak jaso zituzten familiei dirua itzultzeko eskatu die gobernuak, gurasoen ardura ez ziren «akatsengatik».
Herbehereetako Gobernua krisi politiko betean dago: iazko abenduan kaleratutako txosten batek azaldu zuen administrazioak seme-alabengatik emandako diru laguntzak bueltarazi zizkiola zenbait familiari, legezko babesik gabe. Hauteskundeetarako bi hilabete falta direlarik, gobernuaren dimisioa airean dago. Ezohiko ministroen kontseilua bildu zen atzo, eta bihar jakinaraziko dute gobernuaren erabakia. Herbehereetako Gobernuak «inoiz ikusi gabeko kaltea» egin zien 20.000 gurasori, herrialdeko diputatuen komisio batek iazko abenduan kaleratutako txostenaren arabera. Han azaldu zuten, gurasoek jasotako diru laguntzak legezkoak baziren ere, itzularazi egin zizkietela, «akatsak» argudiatuta. Izapideak bukatu gabe egotea edo dagokiena baino diru kantitate handiagoa jasotzea izaten ziren horretarako argudioak; eta kontu horiek gurasoen esku ez bazeuden ere dirua bueltatzera derrigortu zituzten, beraietako asko baldintza ekonomiko eskasetara bultzatuz. Gehitu zuten ministroak, funtzionarioak, diputatuak eta epaileak horren parte zirela, eta «gurasoak aurka egiteko botererik gabe» utzi zituztela. 20.000 familiez horiez gain, jakinarazi zuten, konstituzioak espresuki debekatzen badu ere, herritartasun bikoitza duten beste 11.000 familiari ezohiko kontrolak egin zizkietela. Aste honetan bertan, kaltetutako 20 familiak gobernuko bost ministroren aurkako legezko prozesuak jarri dituzte martxan. Txostena kaleratu zenetik, gobernuak barkamena eskatu die biktimei, eta 30.000 euroko kalte-ordainak ordaintzea onartu du. Hori ez da nahikoa izan, ordea; oposizioak eta familiek gobernuaren dimisioa eskatu dute. Hain zuzen ere, Mark Rutte lehen ministroak adierazi du bihar bilduko dela Ministroen Kontseilua, eta, atzoko bileraren ondoren dimisioa emateari ezezkoa eman bazion ere, bihar jakinaraziko du erabakia koalizio gobernuak. Dena den, gobernuak dimisioa ez aurkeztea erabakitzen badu ere, oposizioko GroenLinks alderdiak zentsura mozioa aurkezteko asmoa du urtarrilaren 19an. Alderdi Sozialistaren eta eskuin muturreko Askatasunerako Alderdiaren babesa du, baina ez dute baztertzen alderdi gehiagok ere baiezkoa ematea.
2021-1-14
https://www.berria.eus/albisteak/192258/mugako-pasabideen-itxiera-dela-eta-herritarrentzat-konponbideak-aurkitzeko-eskatu-du-euskal-elkargoak.htm
Politika
Mugako pasabideen itxiera dela eta, herritarrentzat konponbideak aurkitzeko eskatu du Euskal Elkargoak
Frantziako Estatuari elkar aditze bat eskatu dio Joseba Erremundegi Euskal Elkargoko mugaz gaindiko harremanetarako kontseilari delegatuak.
Mugako pasabideen itxiera dela eta, herritarrentzat konponbideak aurkitzeko eskatu du Euskal Elkargoak. Frantziako Estatuari elkar aditze bat eskatu dio Joseba Erremundegi Euskal Elkargoko mugaz gaindiko harremanetarako kontseilari delegatuak.
Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko mugako zortzi pasabide itxi dituzte gaur goizean. Pirinio Atlantikoetako Prefeturak hartutako neurriak, haserrea eta ezin ulertua eragin ditu hautetsi eta herritar andanarengan. Iritzia galdetuta, prefeturara jotzeko agindu zuen atzo Euskal Hirigune Elkargoko komunikazio zerbitzuak; gaur, «zigortutako» herritar eta langileentzat «soluzioak» aurkitzera deitu du agiri batean. «Erabaki hau, indartu nahi dugun mugaz gaindiko lankidetzaren oinarri diren euskal lurraldeetako biztanleen eta aktoreen eguneroko trukeen aurka doa. [Frantziako] Estatuari eskatzen diot elkar aditze bat abia dezala gai honi buruz, bertako biztanleei eta langileei erantzun pragmatikoak emateko. Euskal Hirigune Elkargoak osoki parte hartuko du lan honetan», adierazi du Joseba Erremundegik. Gaur goizean itxi dituzte aipatutako pasabideak. Lizarrieta eta Lizuniaga lepoetako argazkiak zabaldu dituzte zenbait erabiltzailek sarean: plastikozko hesi batzuk ezarri dituzte errepide gainean, «itxitako bidea» dioen seinalearekin. Goiz bukaerarako, Lizuniagako hesiak baztertu eta normal-normal pasatzen hasiak ziren bertatik. Baina, arratsalde hasierarako, Frantziako militarrak ezarri dira bi lepoetako mugak ixten. Urtarrilaren 14tik aitzina, Pirinio Atlantikoetako Prefeturak hala erabakirik, Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko pasabide hauek itxiko dira: Sara (Lapurdi). Lizuniagako lepoa; Lizarietako lepoa; Sarako bidea (Berruet bentaren heinean). Hendaia (Lapurdi). Merkantzien zubia; Hendaia eta Hondarribia (Gipuzkoa) lotzen dituen itsasoko joan-jinkaria. Baigorri (Nafarroa Beherea). Izpegiko lepoa. Aldude (Nafarroa Beherea). Aldudeko ibarreko pasabidea. Larraine (Zuberoa). Iturzaetako lepoa.
2021-1-14
https://www.berria.eus/albisteak/192259/abortuaren-despenalizazioari-buruzko-eztabaida-hasi-dute-txileko-kongresuan.htm
Mundua
Abortuaren despenalizazioari buruzko eztabaida hasi dute Txileko Kongresuan
Abortua haurdunaldiaren 14. astera arte despenalizatzeko lege proiektu bat aurkeztu du oposizioak, baina Sebastian Piñeraren gobernua haren aurka dago.
Abortuaren despenalizazioari buruzko eztabaida hasi dute Txileko Kongresuan. Abortua haurdunaldiaren 14. astera arte despenalizatzeko lege proiektu bat aurkeztu du oposizioak, baina Sebastian Piñeraren gobernua haren aurka dago.
Abortuari buruzko eztabaida Argentinatik Txilera igaro da. Txileko Kongresua haurdunaldia lehen hamalau asteetan etetea baimentzen duen lege proiektu bat eztabaidatzen hasi zen atzo. Txileko Alderdi Sozialistako diputatuek 2018an aurkeztu zuten lege proiektua. Oposizioak azkartu egin du hari buruzko eztabaida orain, ordea. Argentinan legeztatu izanak eta herrialdeko mugimendu feministaren presioak agenda politikoan kokatu dute gaia. Gainera, prozesu konstituziogile bati ekin dio herrialdeak. Augusto Pinocheten garaiko Konstituzioa ezeztatu, eta beste bat idazteko ardura izango du herritarrek osatutako batzorde misto batek. Horrek herritarrengan sortu duen itxaropena baliatu, eta abortua eztabaidaren erdigunean kokatu nahi dute haren aldekoek. Zigor Kodeko hiru artikulu aldatzea aurreikusten du lege proiektuak. Horrek ez luke abortua legeztatuko, baina modua ezarriko luke lehen hamalau asteetan haurdunaldia mozten dutenak ez zigortzeko. Azken helburua abortua legeztatzea bada ere egungo Konstituzioak horretarako aukerarik ez duela ematen azaldu zuen Maite Orsini RD Iraultza Demokratikoa alderdiko diputatu eta proiektua eztabaidatuko duen batzorde parlamentarioko presidenteak, Canal 24 telebista kateari emandako elkarrizketa batean. Konstituzioaren arabera, talde parlamentarioek ezin dute gobernuaren gastu fiskala gaindituko duen lege proiekturik aurkeztu, eta hala egingo luke legeztapenak, Orsinik zehaztu zuenez. Horregatik, zera proposatu dute: «gutxienez euren etxeetan edo klinika pribatuetan abortatzea erabakitzen duten emakumeek zigorrik ez jasotzea» Kongresuan atzo hasi zuten eztabaida, Valparaiso hirian, Marea Berdea mugimenduko ehunka protestari kanpoan zirela. Abortuaren aurkakoak ere bildu ziren, eta tentsio uneak izan ziren, eztabaida hasi baino lehentxeago. Poliziak abortuaren aldekoak eta aurkakoak bereizi zituen. Kolore berdea soinean zutela eta abortuaren aldeko oihuak eginez iritsi ziren zenbait diputatu ganberara. Hala egin zuen Orsinik berak, esaterako. «Abortuaren despenalizazio legezko eta sozialerako bidea hasi dugu gaur. Abortuak egiten dira, eta egingo dira. Gure esku dago, apendizitisaren aitzakian, kliniketan abortatu beste aukerarik ez duten nerabeak eta emakumeak jazartzeari uztea», adierazi zuen. Santiago hiriburuan ere mobilizatu zen mugimendu feminista, Kongresuan eztabaidan ari ziren bitartea. Txileko presidentearen egoitza den La Moneda jauregia inguratu zuten manifestariek, eta handik Unibertsitate Katolikora eraman zuten abortuaren aldeko aldarria. «Eztabaida kalera atera nahi dugu, Argentinan gertatu den bezala, ondoren Parlamentuan gainezka egin dezan», esan zuen Karina Nohales M8 koordinakunde feministako bozeramaileak. Gobernua, traba nagusia Badira desberdintasunak Argentinarekin alderatuta, hala ere, eta gobernuaren posizioa da nagusietako bat. Sebastian Piñera buru duen gobernua irmo kokatu da abortuaren aurka, eta hala berretsi zuen Karla Rubilar Garapen eta Gizarte Garapenerako eta Familia Politiketako ministroak, asteartean: «Gobernua abortu librearen aurka dago, haurdunaldia gelditzeko inolako arrazoirik ez dagoenean». Egun, hiru kasutan soilik dago baimenduta abortua, 2017an onartutako lege baten arabera: haurdun dagoenaren bizitza arriskuan denean, bortxaketa izan denean eta fetua bizitza arriskuan dagoenean. Abortu eskarien %3 soilik izaten dira halako arrazoiren batengatik. Ondorioz, modu klandestinoan gauzatu behar izaten dute abortua emakume askok.
2021-1-14
https://www.berria.eus/albisteak/192260/hirugarren-gradua-proposatu-dute-berriro-preso-dauden-buruzagi-independentistentzat.htm
Mundua
Hirugarren gradua proposatu dute, berriro, preso dauden buruzagi independentistentzat
Zigorra betetzen ari diren espetxeetako tratamendu batzordeek egin dute proposamena, eta Kataluniako Gobernuak bi hilabeteko epea izango du hura onartzen duen ala ez jakinarazteko.
Hirugarren gradua proposatu dute, berriro, preso dauden buruzagi independentistentzat. Zigorra betetzen ari diren espetxeetako tratamendu batzordeek egin dute proposamena, eta Kataluniako Gobernuak bi hilabeteko epea izango du hura onartzen duen ala ez jakinarazteko.
Bigarrenez, hirugarren graduko espetxe erregimena proposatu dute preso dauden Kataluniako buruzagi independentistentzat. Lledoners, Wad-Ras eta Puig de les Basses kartzeletako tratamendu batzordeek egin dute gradu aldaketarako proposamena, Espainiako Auzitegi Gorenak preso horiei hirugarren gradua indargabetu eta hilabetera. Gorenaren iritziz, goizegi zen buruzagi independentistak graduz aldatzeko, presoetatik bakar batek ere ez zuelako zigorraren erdia bete, eta, gehienek, laurden bat ere ez. Zigor Kodearen 100.2. artikuluak bigarren gradurako aurreikusten dituen onurak ere ukatu egin zizkien. Tratamendu batzordeek aho batez hartu dute erabakia Jordi Sanchez ANCko presidente ohi eta JxCko idazkari nagusiaren, Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidentearen eta Dolors Bassa Kataluniako kontseilari ohiaren kasuan; gehiengoz, gainerakoenean —Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente ohiaren, Oriol Junqueras Generalitateko presidente ohiaren eta Jordi Turull, Josep Rull, Quim Forn eta Raul Romeva kontseilari ohien kasuan—. Presoek «mendeku gosez» jokatzea leporatu zioten orduan Espainiako Estatuari, eta defentsek ziurgabetasun juridikoa salatu zuen, ezin zutelako jakin noiz beteko duten zigor nahikoa, hirugarren gradura aldatu ahal izateko. Kataluniako Gobernuak erabaki beharko du orain tratamendu batzordeen proposamena onartuko duen ala ez. Ontzat joko balu, Fiskaltzak helegitea jartzeko aukera izango luke; lehenengo, espetxe zaintzako epailearen aurrean, eta, azken buruan, Gorenaren aurrean. Gorenak hirugarren gradua onartu zuten espetxe zaintzako epaileei egotzi zien, hain zuzen, buruzagi independentisten kontrako zigor epaia berriro interpretatzea. Bozak atzeratzea, aztergai Katalunian otsailaren 14an egitekoak diren hauteskundeak atzeratzeko aukera aztertzen ari da Generalitatea, pandemiarengatik. COVID-19 kasu berrien eguneko kopurua markak apurtzen ari da herrialdean, eta egoerak eztabaida piztu du bozak egitearen egokitasunari buruz. Gobernuak bihar hartuko du erabakia, osasun egoerari buruzko azken datuak aztertu ostean. Hauteskundeak atzeratzea erabakiz gero, bozak Aste Santuaren ondoren egingo lirateke. Maiatzaren 16a da Kataluniako hedabideek gehien aipatu duten data. Generalitateak ahalik eta adostasunik zabalena lortu nahi du, hauteskunde eguna aldatzekotan. Oraingoz, PSC eta Laura Borras JxCren presidentegaia kontra agertu dira, eta bozak atzeratzearen alde egin dute Ciudadanosek, Catalunya en Comuk, CUPek eta PDeCATek. ERCko hainbat buruzagi bozen data aldatzea babestu dute, osasun adituek hala egitea gomendatuz gero. Akordiorik ezean, baliteke epaileen esku gelditzea hauteskunde egunari buruzko azken hitza, aurrekaririk gabeko egoera judizial nahasian.
2021-1-15
https://www.berria.eus/albisteak/192261/kontxako-hondartzan-eskiatzen-duela-36-urte-gertatu-zen-gaurko-egunez.htm
Kirola
Kontxako hondartzan, eskiatzen; duela 36 urte gertatu zen, gaurko egunez
1985ean izan zen elurte luze batek hamabost zentimetro elur pilatu zituen Donostian, eta iraupen eskiko lasterketa bat antolatu zuten hondartzan. 120 eskiatzailek hartu zuten parte. Pello Ruiz Cabestany txirrindulariak eta Urko kantariak hartu zuten parte, besteak beste.
Kontxako hondartzan, eskiatzen; duela 36 urte gertatu zen, gaurko egunez. 1985ean izan zen elurte luze batek hamabost zentimetro elur pilatu zituen Donostian, eta iraupen eskiko lasterketa bat antolatu zuten hondartzan. 120 eskiatzailek hartu zuten parte. Pello Ruiz Cabestany txirrindulariak eta Urko kantariak hartu zuten parte, besteak beste.
Elurra ekarri du 2021. urteak lehen egunetan. Zuriturik esnatu ziren urtarrilaren 12a bitartean Euskal Herriko txokoak 150 metrotik gora. Joan den astebururako iragarritako elur ekaitza, baina, ez zen izan espero zen tamainakoa eta aurreko urte batzuetan izan diren elurteetatik urrun izan da aurtengo hau. Gaur betetzen dira, hain zuzen ere, 36 urte sekulako elurtea egin zuela, eta Donostiako Kontxako hondartza bera eski pista bihurtu zela. 1985eko urtarrilaren 15a zen. Elurte luzea izan zen hura Irutxuloko Hitzak duela lau urte gogoratu zuenez. Eskolak eta lantegiak itxita egon ziren, baita errepide gehienak ere. Tenperaturak zero azpitik sei gradura jaitsi ziren, eta Gipuzkoako hiriburuan 15 zentimetro elur pilatu ziren kalean; egun batean, 24 litro elur jaso ziren. Eskiatzaile donostiarrek ez zuten aukera galdu Igeldotik eskiatzen jaisteko, baina ez hori bakarrik: haratago joan zenik ere izan zen, eta gaurko egunez duela 36 urte iraupen eskiko lasterketa bat jokatu zen Kontxako hondartzan. Hamaika aldiz errepikatu izan da Kontxako badiak eskaintzen duen ikusmiraren edertasuna. 1985eko urtarrilaren 15eko egun horretan bizitakoa errepikatzea, baina, zaila izango da. Ez soilik elurrak erabat estali zuelako hondartza, baizik eta abuztuan eguzkizaleek eta bainuzaleek betetzen duten paraje horretan 120 eskiatzaile euren eskiak eta makilak hartuta ikustea agian berritu ezin den zerbait delako. Orduko horretan, ordea, gertatu zen, eta gertatu bazen, Josu Iztueta, Dina Bilbao eta Nairobitarra osatzen zuten gainerakoek iraupen eskiko lasterketa bat antolatu zutelako izan zen. Donostiako udaletxe parean hasi zen lasterketa. Han ziren 120 eskiatzaile irteera hartzeko prest. Haizearen Orraziraino joan eta etorri zen egin beharreko ibilbidea. Eskiatzaileez gain, ikusle asko bildu ziren ezohiko kirol erakustaldi hori ikustera. Ramon Labaien orduko alkatea ere han izan zen. 15:30ean hasi zen lasterketa, eta Angel Ortizek irabazi zuen; hori ere, Nairobitarra kuadrillako kidea. 17 minutu eta 33 segundoan helmugaratu zen. Handik ia minutu batera, bigarren postuan, Peio Ruiz Cabestany Orbea taldeko txirrindularia sailkatu zen; hiru hilabete geroago, Euskal Herriko Itzulia irabazi zuen, bizikleta gainean. Dina Bilbao izan zen lehen emakumea, 24 minutu eta 52 segundora helmugaratuta. Pertsona ezagun gehiagok ere hartu zuen parte. Josu Iztueta bera laugarren izan zen. Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria 24. iritsi zen helmugara, eta haren atzetik segundo batera, Mikel Uzkudun. 69. postuan Urko kantaria helmugaratu zen. Egun hartako sailkapenak 112 eskiatzaileen izenak jasotzen ditu:
2021-1-14
https://www.berria.eus/albisteak/192262/zaldibar-argituk-ekitaldi-bat-antolatu-du-hondamendiaren-urteurrenaren-atarian.htm
Gizartea
Zaldibar Argituk ekitaldi bat antolatu du hondamendiaren urteurrenaren atarian
Urtarrilaren 23an egingo dute ekitaldia, Eibarko Armeria eskolan, eta Euskal Herriko hainbat sortzaile eta musikarik hartuko dute parte. Epaiketaren gastuei aurre egiteko diru bilketa bat abiatu dute.
Zaldibar Argituk ekitaldi bat antolatu du hondamendiaren urteurrenaren atarian. Urtarrilaren 23an egingo dute ekitaldia, Eibarko Armeria eskolan, eta Euskal Herriko hainbat sortzaile eta musikarik hartuko dute parte. Epaiketaren gastuei aurre egiteko diru bilketa bat abiatu dute.
Zaldibarko zabortegiaren hondamendia izan zenetik urte bat beteko da otsailaren 6an, eta, horren harira, ekitaldi bat egingo du Zaldibar Argitu plataformak. Urtarrilaren 23an Eibarko Armeria eskolan egingo duten ekitaldian gertatu zena oroituko dute, eta Joaquin Beltran aurkitu dezatela eskatu. Euskal Herriko sortzaile eta musikari ugarik hartuko dute parte: Liher, Petti, Olatz Salvador, Miren Amuriza, Miren Narbaiza, Mursego, Eneko Sagardoi eta Nerea Ibarzabal izango dira bertan, besteak beste. Zaldibar Argitu plataforma eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna herri akusazio gisa aurkeztu dira zabortegiaren hondamendiko epaiketan. Datorren larunbatean egingo duten ekitaldia aprobetxatuko dute epaiketako gastuei aurre egiteko diru bilketa abiatzeko. 'Lagundu argitzen' ekitaldiaren kartela. BERRIA
2021-1-14
https://www.berria.eus/albisteak/192263/gorrotxategiren-ustez-azpiazu-ez-zaie-erraz-jartzen-ari-aurrekontuak-babestea.htm
Politika
Gorrotxategiren ustez, Azpiazu ez zaie «erraz» jartzen ari aurrekontuak babestea
Jaurlaritzak 94 milioi euroren aldaketa proposamenak egin dizkio Elkarrekin Podemosi, baina Gorrotxategik salatu du 87 baino ez direla aurtengoari dagozkionak, eta ohartarazi du proposamenak ez dakarrela «konpromiso politikorik».
Gorrotxategiren ustez, Azpiazu ez zaie «erraz» jartzen ari aurrekontuak babestea. Jaurlaritzak 94 milioi euroren aldaketa proposamenak egin dizkio Elkarrekin Podemosi, baina Gorrotxategik salatu du 87 baino ez direla aurtengoari dagozkionak, eta ohartarazi du proposamenak ez dakarrela «konpromiso politikorik».
Aitzina doaz EP Elkarrekin Podemos eta Eusko Jaurlaritzaren arteko negoziazioak, baina ez oso erraz: atzo bildu ondotik, akordiorako atea irekita zegoela zirudien, baina itxixeago dirudi orain. Arratsaldean bilera egin dute berriro Eusko Jaurlaritzako Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak eta EPren ordezkaritzak, eta Jaurlaritzak proposamen bat helarazi dio EPri. 94 milioi euroren aldaketak daude Jaurlaritzak EPri helarazitako dokumentuan, eta Gorrotxategik proposamenaren balorazioa egin du bileraren ondotik, ezkor: «Lehen begirada batean, ez da espero genuen bezalakoa». EPko bozeramaileak salatu du, hain zuzen, ez dela «inolako konpromiso politikorik» biltzen proposamenean. Ohartarazi du, erraterako, zerga erreformaz, alokairuen prezioaz eta gasaren ustiapenaz ez duela ezer aipatzen: «Gai horiek alde batera utzi dituzte». Defizita igotzeaz eta zorpetzeaz ere ez da proposamenik ageri, eta, EPkoen hitzetan, «pandemiak dakarren gastuari aurre egiteko oinarrizkoak» dira arlo horiek. 94 milioi horietatik 2021ari dagokiona, bertzalde, 87 milioi da —gainontzeko zatia 2022ari legokioke—. Gorrotxategiren ustez, Jaurlaritza ez zaie «erraz» jartzen ari aurrekontuak babestea. Ez dute oraindik atea erabat itxi, ordea: dokumentua sakon aztertu eta bihar berriro bilduko direla jakinarazi dute, eta asteburuan ere negoziatzeko prestasuna erakutsi dute: «Oraindik badago negoziaziorako tartea, nahiz eta atzo baino urrunago gauden». Talde politikoek astelehenera arteko epea dute aurrekontuei osoko zuzenketak aurkezteko. EPk atzoko bileran Jaurlaritzari eskatu zion gastu publikoa 392,9 milioi euro handitzeko, eta, hori ordaintzeko, galdegin zion defizit muga handitu zezala: %2,2tik %2,6ra: «Badakigu teknikoki gastu publikoa areagotu daitekeela. Horrek ahalbidetuko luke diru nahikoa izatea guk planteatutako proposamenak aurrera atera ahal izateko».
2021-1-14
https://www.berria.eus/albisteak/192264/txakolingileek-kezka-handia-dute-2021-urtearekin.htm
Ekonomia
Txakolingileek kezka handia dute 2021. urtearekin
Getariako Txakolina sor-markak %30 handitu du ekoizpena, eta zail ikusten du dena saltzea.
Txakolingileek kezka handia dute 2021. urtearekin. Getariako Txakolina sor-markak %30 handitu du ekoizpena, eta zail ikusten du dena saltzea.
Urte zaila izan da 2020. urtea txakolingileentzat, baina 2021a are zailagoa izatea espero dute. Hainbat astez tabernak eta jatetxeak itxita egoteak %15 jaitsi zituen Getariako Txakolina sor-markaren upeltegien salmentak. Ekoizle batzuen galerak are handiagoak izan ziren, kontuan hartuta batzuek ekoizpen osoa saltzen dutela ostalaritzaren bitartez. «Arazo nagusia», ordea, hasi berri den urtean etorriko dela aitortu du Getariako Txakolina jatorri izenak. Izan ere, uzta «aparta» izan dute Gipuzkoako mahastizainek, kalitatean ez ezik, baina kantitatean ere. 2019ko uzta baino %30 handiagoa izan da 2020koa: 4,35 milioi mahats, hiru milioi litro, eta 3,9 milioi botila. Hori guztia saltzeko lanak espero ditu, nahiz eta «txakolin biribila eta oso orekatua» den, 11,5-12 gradukoa. Ardo horren zati bat esportaziora joango da. Iaz, 560.000 botila saldu zituzten Hego Euskal Herritik eta Espainiatik kanpora, eta horien erdiak, AEBetan. Uneotan geldi daude esportazioak, eta, «aktibatzea» espero duen arren, uste du nekez iritsiko direla aurreko urteotako mailara. 2020ko uzta igandean aurkeztuko dute Getarian, baina, COVID-19a dela eta, ez da frontoian egingo, baizik eta Balenciaga museoan, eta hedabideentzat bakarrik.­
2021-1-15
https://www.berria.eus/albisteak/192265/etxeratze-agindua-1800etan-ezarriko-dute-ipar-euskal-herrian.htm
Gizartea
Etxeratze agindua 18:00etan ezarriko dute Ipar Euskal Herrian
Neurri murriztaileagoak iragarri ditu Frantziako Gobernuak, eta gutxienez bi astez mantenduko ditu. Parisek esan du momentuz ez duela beste konfimendu bat ezarriko, baina ez duela baztertzen aurrerago ezarri behar izatea.
Etxeratze agindua 18:00etan ezarriko dute Ipar Euskal Herrian. Neurri murriztaileagoak iragarri ditu Frantziako Gobernuak, eta gutxienez bi astez mantenduko ditu. Parisek esan du momentuz ez duela beste konfimendu bat ezarriko, baina ez duela baztertzen aurrerago ezarri behar izatea.
Esperotakoa iragarri du Jean Castex Frantziako lehen ministroak: Ipar Euskal Herrian 18:00etan izango da etxeratze agindua larunbatetik aitzina. Agerraldia egin du ostegunean, beste hainbat ministrorekin batera, eta pandemiari aurre egiteko neurri murritzaileagoak iragarri ditu. Gutxienez bi astez bete beharko dute etxeratze agindua Ipar Euskal Herriko herritarrek, eta salbuespen bakarrak orain artekoak izango dira. Hala, denda guztiak hetsi beharko dituzte 18:00etan. Pirinio Atlantikoetako departamenduan, dendak igandeetan ere irekiko dituzte, otsail erdira arte. Oraingoz, Frantziako Gobernuak ez du beste konfinamendu bat ezarriko, baina ez du ukatu aurrerago ezar dezakeela egoerak okerrera egiten badu. Dena den, «oraingo egoera ikusirik, ez da baitezpadakoa konfinamendu orokor bat ezartzea», Castexen arabera. Eskolei dagokienez, Castexek esan du ahal duten guztia egingo dutela haiek ez ixteko. Hori bai, ikastetxeetako neurriak gogortuko dituzte: aurrerantzean, klaseak «hibridoak» izango dira lizeoetan —zati bat etxean egingo dute, eta bestea, ikastetxean—; jangeletako neurriak zorroztuko dituzte, ikasgela bereko ikasleek elkarrekin jateko, eta barnean egiten den kirola debekatuko dute. Horretaz gain, antigeno probak emendatuko dituzte ikastetxeetan, eta, positiboak detektatzean, «lekuan lekuko» egoeraren arabera eskolak edo klaseak hetsiko dituzte, orain arte bezala. Unibertsitateetan, datozen asteetan lehen mailako ikasleei (eta lehen urtekoei soilik) berriz irekiko zaizkie unibertsitateak, talde erdietan eta klase jakin batzuetarako. Izan ere, Frederique Vidal Frantziako goi mailako ikasketen eta ikerketen ministroaren ustez, «orain arte hartutako neurriak ez dira nahikoak izan ikasleak egoki laguntzeko». Frantziako Estatura sartzeko baldintzak ere gogortu dituzte: Europako Batasunetik kanpoko herrialdeetako herritarrek PCR proba bat egin beharko dute Frantzian sartzerako, baita zazpi eguneko bakartzea ere. Salbuespena izango dira mugaz gaindiko langileak. EB barruko herrialdeekin hilaren 21ean eginen dute bilera, neurriak zehazteko. Neurri horren arrazoia azaltzeko, Europako egoera sanitarioaren errepasoa egin du Castexek. Frantzian 16.000 kutsatze atzematen ari dira egunean, batez beste, eta 2.711 pertsona daude suspertze zerbitzuetan: «Egoera egonkorra da, baina hauskorra», adierazi du lehen ministroak. Txertoei buruz ere jardun du. Atzo, 57.000 pertsona txertatu zituzten Frantziako Estatuan, eta astelehenetik aitzina 75 urtetik gorako pertsonek jasotzen ahalko dute txertoa; otsailaren bukaeran hasiko dira 65 urtetik gorakoak txertatzen. Oraingoz, Frantziako Estatuan 300.000 pertsona inguru txertatu dituzte: zahar etxeetako egoiliarrak eta osasun langile zaurgarriak. Aldaera berriak Olivier Veran Frantziako osasun ministroak hitz egin du jarraian, eta agertu diren birusaren aldaeretan egin du azpimarra. Bi aldaera daude Frantziako Estatuan. Batetik, VOC2020 aldaera, Erresuma Batuan agertu zena. «Kutsakorragoa» da, baina ez «larriagoa», eta «ez dio txertoari eragiten», Veranen arabera. Frantzian eta Ipar Euskal Herrian, koronabirusa duten 100 pertsonatik 1-1,5ek dute VOC2020 aldaera, eta hori detektatzeko testak ugaritu egin nahi ditu gobernuak. Bigarren aldaera 501 deitzen da, eta Hegoafrikatik iritsi da. Veranek ez du zehaztu zein diren haren berezitasunak, baina esan du aldaera horren bi agerraldi daudela momentuz Frantziako Estatuan. Castexek azpimarratu du birusaren aldaera horiek egoera «zalantzan» jartzen dutela, eta posible dela aldaera horiek, batez ere Erresuma Batukoak, gaina hartzea. Itxita dauden sektoreak Ekonomiaz ere jardun du Frantziako Gobernuak gaurko agerraldian. Castexen arabera, «zaila da luzera begirako galderei erantzutea», baina segurtatu du «orain arteko laguntzak» luzatuko dituztela. Laguntzek izango dituzten hiru aldaketa nagusiak, berriz, Bruno Lemaire Ekonomia ministroak azaldu ditu. Batetik, aurrerantzean, eramateko saltzen diren produktuei esker irabazitako dirua ez da kontuan hartuko laguntzen kopurua kalkulatzean. Bestetik, hornitzaileen diru laguntza emendatuko dute, galera %75 baino handiagoa bada; eta ez da langile kopuru mugarik izango diru laguntza eskuratzeko. Hilabetean, gehienez ere, 200.000 eurokoa izango da diru laguntza. Azkenik, iragarri du Frantziako Estatuak bere gain hartuko dituela itxiak diren enpresen karguak (alokairua eta abar), baina bakarrik hilabetean miloi bat euro baino gehiagoko irabaziak dituztenenak.
2021-1-14
https://www.berria.eus/albisteak/192267/puigdemontek-cominek-eta-ponsatik-beren-buruak-defendatu-dituzte-europarlamentuan.htm
Mundua
Puigdemontek, Cominek eta Ponsatik beren buruak defendatu dituzte europarlamentuan
Espainiak hiru parlamentarien kontra aurkeztu duen suplikatorioa aztertu du Auzi Juridikoen Batzordeak. Gonzalez Ponsek (PP) adierazi du «gehiengo argi bat» dagoela suplikatorioa onartzearen alde. Saioa konfidentziala da.
Puigdemontek, Cominek eta Ponsatik beren buruak defendatu dituzte europarlamentuan. Espainiak hiru parlamentarien kontra aurkeztu duen suplikatorioa aztertu du Auzi Juridikoen Batzordeak. Gonzalez Ponsek (PP) adierazi du «gehiengo argi bat» dagoela suplikatorioa onartzearen alde. Saioa konfidentziala da.
Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiak, eta Toni Comin eta Clara Ponsati kontseilari ohiek beren burua defendatuko dute gaur, Europako Parlamentuan, Espainiako Auzitegi Gorenak hiru europarlamentari horien kontra aurkeztutako suplikatorio eskaria aztertuko duen batzordean. Bakoitzak ordu laurdeko tartea izango du, eta, ondoren, Auzi Juridikoen Batzordeko kideek hartuko dute hitza. Saioa atea itxita egingo dute, eta haren edukia konfidentziala izango da. Espainiako Auzitegi Gorenak urriaren 1eko erreferenduma antolatzeagatik epaitu nahi ditu hirurak. Hori dela eta, parlamentari akta bertan behera uzteko eskatu dio Europako Parlamentuari, erregu gutun bidez. Hala egin ezean, Espainiak ezin ditu epaitu, Europako Batasuneko legediak —eta, beraz, batasuneko kide diren estatuetakoak— immunitatea aitortzen dielako europarlamentari diren artean. Gonzalo Boye Puigdemonten defentsa abokatuak esana du JxCren hiru ordezkarien defentsarako garrantzi handikoa izango dela Belgikako justiziak joan den astean hartu zuen erabakia: uko egin zion Lluis Puig Kataluniako kontseilari ohia Espainiara estraditatzeari. Apelazio auzitegiak berretsi egin zuen lehen instantziako epailearen ebazpena, eta fiskaltzak helegiterik ez aurkeztea erabaki zuen. Belgikako justiziaren arabera, Espainiako Auzitegi Gorena ez da Puigen Espainiaratzea galdegiteko aginte eskuduna, eta Espainiako justizia kontseilari ohiaren «errugabetasun printzipioa urratzen» ari da. Defentsak uste du Belgikako justiziaren bi argudio horiek pisuzkoak izan daitezkeela europarlamentuarentzat, Puigdemonten, Cominen eta Ponsatiren suplikatorioari buruz erabakitzeko garaian. Adrian Vazquez Ciudadanoseko parlamentari eta Auzi Juridikoen batzordeko presidente denak, berriz, Puigen estradizioak suplikatorioarekin «zerikusirik ez» duela adierazi du saioa hasi aurretik. Batzordera sartzear zela, beren buruak defendatzeko prest daudela adierazi du Puigdemontek. «Borrokatu egingo gara, europarlamentariak ezin ginela izan esan zutenean bezala. Erratu egin ziren». Esteban Gonzalez Pons PPko eurodiputatuak konfidentzialtasun printzipioa urratu du, eta saioaren ostean adierazi du «gehiengo argi bat» dagoela Puigdemont, Comin eta Ponsatiren kontrako suplikatorioa onartzearen alde, haren hitzetan ez delako «auzi politiko bat». Puigdemontek ez du adierazpenik egin batzordetik irten denean, eta ziurtatu du berak ez duela prozesuaren edukia ezagutaraziko.
2021-1-14
https://www.berria.eus/albisteak/192268/irekitako-leihotik-finalera.htm
Kirola
Irekitako leihotik, finalera
Athleticek Espainiako Superkopako finala jokatuko du, gutxi lehiatu duen Real Madrili 1-2 irabazi ondoren, Malagan. Raul Garciak egin ditu bi golak lehen zatian. Benzemak sartu du haiena, 73. minutuan. Finala igandean, Bartzelonaren aurka
Irekitako leihotik, finalera. Athleticek Espainiako Superkopako finala jokatuko du, gutxi lehiatu duen Real Madrili 1-2 irabazi ondoren, Malagan. Raul Garciak egin ditu bi golak lehen zatian. Benzemak sartu du haiena, 73. minutuan. Finala igandean, Bartzelonaren aurka
Athletic Espainiako Superkopako finalean izango da igande gauean. Bartzelonak du zain, 2015ean bezala, haren kontra jokatzeko aukeraren jabe egin delako gaur, Malagako Rosaleda zelaian. Real Madrilek arrosez bete dio partida handirako bidea, eta harmaila hutsei begira, bueltaxka lasaia emateko modua izan du Marcelinoren taldeak, ez zeuden ikusleei eskuarekin agur egiteko lasaitasun guztiarekin. Lehen zatian partida erabakita uzteraino. Raul Garciak sartu ditu bi gol aurreneko erdian, espainiarrek egindako opari nabarmenetan. Bi aurkari zelaian, eta bi jarrera: euskal herritarrak lanerako eta irabazteko gosearekin; espainiarrak, pausoan irabaziko zutelako ustean. Hemengoak, behar den bezalako jarrerarekin; hangoak, ez. Bakoitzak jakingo du nola gobernatzen duen bere etxea. Marcelino hasi da berea eraikitzen. Hasi baino, ari da. Aurreko astean ipini zuen taldearen jabe zuzendaritzak, eta Bartzelonaren kontrako estrainekoan bezala, entrenatzailearen bereizgarri batzuk erakutsi ditu taldeak. Beste gauza bat da gaurkoagatik lloreak neurririk gabe botatzen hastea Marcelinori eta taldeari. Aurkariak izena baino ez duelako atera zelaira, izana aldagelan utzita. Baten batek esango du, edo esan dezake: «Real Madrilek lehen golean oparia egin dio Athletici, baina zuri-gorriak gora joan direlako presioa egitera». Eta hala izan da jokaldia. Minutu horretan, eta Zinedine Zidaneren taldeak baloia atzetik atera zuen bakoitzean. Motzean nahi izan dute jokatu, Marcelinorenak ondo joaten ziren presiora. Real Madrilek gaia badu horrelako oztopoak gainditzeko, baina gaur ez du ezer erakutsi. Kontua da zortzigarren minutuan, Lucas Vazquez eskuineko atzelaria pasea ematen hasi dela kanpotik barrura. Dani Garciari eman dio, baina. Horren pasea Raul Garciak jaso, eta area barrutik ondo gainditu du Courtois atezaina. Golak ez dio estrategia aldarazi Marcelinori: aukera zuenean, goian estutu, eta ezin zenean, hamaika jokalariak arearen gainean jarri ia-ia. Egoera horretan egon da deserosoen Athletic. Hegaletatik sartzen hasi delako Real Madril. Baina aukeratxo horiek ez ditu ezertarako baliatu. Halako batean, Athleticek zelai erdia gainditu duen batean, bigarren goleko jokaldia etorri da. 36. minutua zen, eta geldikako jokaldia eragin du. Bigarren jokaldian, baloia Iñigo Martinezek hartu du area barruan, Lucas Vazquezen inguruan. Zaintza zuenik ere ez da konturatu atzelaria, eta ondarrutarrak hartu du baloia. Atzetik egin dio penaltia Vazquezek. Gola Raul Garciak 37. minutuan. 0-2 partidaren erdian. Finala oso gertu. Bigarren zatiko lehendabiziko hamabost minutuetan, lehengo lepotik izan du burua partidak. Erosoegi zebilen Athletic, finalerdia izateko. Baina erabaki du lanean hastea Real Madrilek, eta estutzen hasi da Athletic. Asensiok bi jaurtiketa zutoinera eta langara bota ditu. Gola ere egin du Benzemak, 73. minutuan, VAR-ak balioa emandako golean. Beste bat ere sartu du, baina ez da balekoa izan. Villalibrek 1-3koa sartzeko sekulako aukera izan du zelairatu eta berehala. Beharrik ere ez sartzeko. Azkenean, langile finarentzat saria: finala. Merezitakoa.
2021-1-15
https://www.berria.eus/albisteak/192294/gasteizko-udal-gobernuak-eta-elkarrekin-ek-akordioa-lortu-dute-aurrekontuetan.htm
Politika
Gasteizko udal gobernuak eta Elkarrekin-ek akordioa lortu dute aurrekontuetan
Subillako gas ustiapena ez baimentzeko konpromisoa hartu du Gorka Urtaranek. 2021eko aurrekontuak aurrera ateratzeko babes nahikoa izango du Gasteizko alkateak.
Gasteizko udal gobernuak eta Elkarrekin-ek akordioa lortu dute aurrekontuetan. Subillako gas ustiapena ez baimentzeko konpromisoa hartu du Gorka Urtaranek. 2021eko aurrekontuak aurrera ateratzeko babes nahikoa izango du Gasteizko alkateak.
EAJk eta PSEk akordioa lortu dute Elkarrekin taldearekin Gasteizko Udaleko 2021ko aurrekontuak aurrera ateratzeko. Udal gobernuak gaur goizean emango du akordioaren berri, 11:00etan, prentsaurreko batean. Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak gaur goizean Euskadi Irratian aurreratu du akordioa; iragarri duenez, Gasteizko Udaleko 2021eko aurrekontuak babestuko ditu Elkarrekin-ek. Akordio horri esker, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak konpromisoa hartu du Subilla Gasteizko Armentia II hobian gas ustiapena ez baimentzeko eta etxebizitzaren alokairuen prezioak arautzeko. Gorrotxategik azaldu du akordioa «konpromiso politikoetan» oinarritzen dela. EAJk eta PSEk ez dute gehiengoa Gasteizko Udalean, eta, gutxienez, beste talde baten abstentzioa behar dute aurrekontuak onartzeko. EAJk zazpi zinegotzi ditu, eta PSEk, sei; beraz, zinegotzi baten falta dute gehiengoa izateko. Elkarrekin taldeak hiru zinegotzi ditu. Iazko aurrekontuak ere Elkarrekin taldearekin adostu zituen gobernuak.
2021-1-15
https://www.berria.eus/albisteak/192295/gutxienez-35-pertsona-hil-eta-600-zauritu-dira-indonesian-izandako-lurrikara-batean.htm
Mundua
Gutxienez 35 pertsona hil eta 600 zauritu dira Indonesian izandako lurrikara batean
Sulawesi uhartean izan da seismoa, eta larrialdi zerbitzuek ohartarazi dute dozenaka lagun daudela eroritako etxeen hondakinen artean harrapatuta.
Gutxienez 35 pertsona hil eta 600 zauritu dira Indonesian izandako lurrikara batean. Sulawesi uhartean izan da seismoa, eta larrialdi zerbitzuek ohartarazi dute dozenaka lagun daudela eroritako etxeen hondakinen artean harrapatuta.
Indonesiako Sulawesi uhartean 6,2 graduko lurrikara izan da goizaldean. Epizentroa Majene hiritik 6,2 kilometrora izan du lurrikarak, eta hamar kilometroko sakoneran. Gutxienez, 35 pertsona hil eta 600 gora zauritu ditu seismoak, baita dozenaka etxe suntsitu ere. Larrialdi zerbitzuek ohartarazi dute litekeena dela biktima kopurua handiagoa izatea datozen orduetan, hondakinen artean harrapatuta geratu direlako dozenaka herritar. 15.000 desplazatu ere eragin ditu lurrikarak, eta agintariek tsunami arriskuaz ohartarazi dute. Majene iparraldeko ospitalea izan da erori den eraikinetako bat. Mediku eta gaixo talde bat barruan harrapatuta geratu dira. Larrialdietarako taldeak haiek ateratzeko lanetan ari dira. Etxebizitzak eta erietxea ez ezik, hotela eta gobernuaren egoitza ere kaltetuta geratu dira, baita errepide eta zubi ugari ere. Lehen lurrikarak tsunamirik eragin ez duen arren, adituek ohartarazi dute haren erreplikek eragin ditzaketela olatu erraldoiak, eta eskatu diete herritarrei kostaldetik urruntzeko. Meteorologia, Klimatologia eta Geofisika agentziako Dwikorita Karnawatik nabarmendu du tsunamia gertatzen bada oso azkarra izan daitekeela, eta arriskutsua, berriz, hura ikusi zain geratzea. Lehen seismoaren ostean, hasi dira erreplikak. Azkena Richter eskalako 5,9 gradukoa izan da. Ez da lehen aldia Indonesiak halako lurrikara bati aurre egin behar diola. Ozeano Bareko suaren eraztunean kokatua egonik maiz gertatzen dira seismoak herrialdean. Duela bi urte 400 hildako eta milaka desagertu utzi zituzten 7,5 graduko lurrikara batek eta hark eragindako tsunamiak. Sulawesi uhartean izan zen hura ere, baina Palu hirian. Herritarrek hilabeteak behar izan zituzten eraikin hondatuak berreraikitzeko.
2021-1-15
https://www.berria.eus/albisteak/192296/berriz-ere-atzeman-dituzten-positiboak-milakotik-hurbil-dira-hegoaldean.htm
Gizartea
Berriz ere, atzeman dituzten positiboak milakotik hurbil dira Hegoaldean
Beste 998 COVID-19 kasu zenbatu dituzte Hego Euskal Herrian. Birusa detektatzeko 16.000 proba egin dituzte Osasunbideak eta Osakidetzak, eta horien guztien %6k eman dute positibo. Nafarroan handiagoa da portzentajea: %8,3 da.
Berriz ere, atzeman dituzten positiboak milakotik hurbil dira Hegoaldean. Beste 998 COVID-19 kasu zenbatu dituzte Hego Euskal Herrian. Birusa detektatzeko 16.000 proba egin dituzte Osasunbideak eta Osakidetzak, eta horien guztien %6k eman dute positibo. Nafarroan handiagoa da portzentajea: %8,3 da.
Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, 998 positibo atzeman dira atzo Hegoaldean egindako testetan. Kopurua koska bat igo da, bezperako datuen aldean (984), eta laugarren egunez da 900etik gorakoa. PCR probak eta antigeno testak aintzat harturik, 16.085 test egin zituzten, eta, horiek oinarri, %6,2 da positiboen portzentajea. Hala eta guztiz ere, aldea antzeman daiteke Osakidetzak eta Osasunbideak egindako proben artean; izan ere, Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban %5,7 da ehunekoa; Nafarroan, berriz, %8,3 da. Hegoaldeko lurraldeak banaka aztertuta, Bizkaian atzeman dute kasu gehien, beste behin; zehazki, 412 positibo zenbatu dituzte. Gipuzkoan, 239 positibo izan dira; Nafarroan, 238, eta Araban, berriz, 100. Gainera, Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez, Hego Euskal Herritik kanpo bizi diren beste bederatzi pertsonari ere atzeman diete koronabirusa.
2021-1-15
https://www.berria.eus/albisteak/192297/espetxe-zigorra-ezarri-diote-gazte-bati-2019ko-urteberri-egunean-gasteizko-gaztetxean-izandako-gertakariengatik.htm
Gizartea
Espetxe zigorra ezarri diote gazte bati, 2019ko Urteberri egunean Gasteizko Gaztetxean izandako gertakariengatik
Gasteizko Udaltzaingoa gaztetxera bertaratu zen goizaldean, hainbat auzokidek zaratarengatik protesta egin ostean. Bost pertsona atxilotu zituzten. Gazte asanbladak udaltzainen «jarrera probokatzailea» salatu zuen.
Espetxe zigorra ezarri diote gazte bati, 2019ko Urteberri egunean Gasteizko Gaztetxean izandako gertakariengatik. Gasteizko Udaltzaingoa gaztetxera bertaratu zen goizaldean, hainbat auzokidek zaratarengatik protesta egin ostean. Bost pertsona atxilotu zituzten. Gazte asanbladak udaltzainen «jarrera probokatzailea» salatu zuen.
2019ko urtarrilaren 1ean Gasteizko Gaztetxera gerturatu zen Udaltzaingoa, ordu hartan eskainitako informazioaren arabera, hainbat auzokidek protesta egin zutelako norbaitzuk gaztetxean sortzen ari ziren zarataren harira . Bost pertsona atxilotu zituzten, eta egun horretan bertan gelditu ziren aske, epailearen aurretik igarotzeko esperoan. Lauk ezarritako zigorrak onartu zituzten 2020ko uztailean, eta, guztira, ia 10.000 euroko zigorra ordaindu behar izan zuten. Beste gazte bat, ordea, 2019ko urtarrilean espetxeratu zuten, eta ia urtebete egin zuen Zaballako espetxean. Aste honetan deklaratu du, eta hiru urteko eta bederatzi hilabeteko kartzela zigorra ezarri diote, «agintaritzaren aurkako atentatua» leporatuta, hainbat hedabidek jakinarazi dutenez. 260 euroko isuna ere ordaindu beharko du bi delitu arinengatik, eta 396 euroko kalte-ordaina eman bi poliziari. Egun hartako gertakariei dagokienez, gazte asanbladak jakinarazi zuenez, udaltzainak «oso modu oldarkorrean» sartu ziren gaztetxera, eta udaltzainek «jarrera probokatzailea» izan zuten. Haien arabera, «herri mugimendua eta okupazio mugimendua kriminalizatzea» zen helburuetako bat. Hala ere, nabarmendu zuten ez zutela eraikina hutsarazi, hainbat hedabidek albiste hori zabaldu ostean. Poliziak, berriz, azpimarratu zuen bertan zeudenek hainbat objektu jaurti zizkietela, gazteak oldartu egin zirela, eta Ertzaintzaren laguntza ere behar izan zutela egoerari aurre egiteko.
2021-1-15
https://www.berria.eus/albisteak/192298/etxeratzeko-ordua-aurreratzea-aztertzen-ari-direla-esan-du-zupiriak.htm
Gizartea
Etxeratzeko ordua aurreratzea aztertzen ari direla esan du Zupiriak
Eusko Jaurlaritzak ezarrita dituen prebentzio neurriak «gogorrak» direla esan du, baina eskura nahi dutela etxeratze agindua aurreratzeko ahalmena.
Etxeratzeko ordua aurreratzea aztertzen ari direla esan du Zupiriak. Eusko Jaurlaritzak ezarrita dituen prebentzio neurriak «gogorrak» direla esan du, baina eskura nahi dutela etxeratze agindua aurreratzeko ahalmena.
Aste honetan bertan jakinarazi ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan COVID-19aren izurria kontrolatzeko prebentzio neurriak ebazten dituen Labi batzordeak azken erabakiak, baina horiek gogortzea aztertzen ari da Eusko Jaurlaritza. Gobernuko eledun Bingen Zupiriak gaur elkarrizketa batean esan duenez, ebatzita dauden neurriak «oso gogorrak» diren arren, buruan duten erabakietako bat da etxeratze agindua aurreratzea: «Zortziak eta seiak artean jartzea». Bide hori bera hartu beharko dute, adibidez, Ipar Euskal Herrian, Frantziako Gobernuak atzo erabaki horren berri eman baitzuen. Naiz Irratian egin dioten elkarrizketa batean eman du Zupiriak asmoaren berri. «Lehendakariari gustatuko litzaioke, Frantzian egin duten eran, seietan edo zortzietan ezarri ahal izatea etxeratze agindua. Zenbaitek proposatzen duten konfinamendu erabatekoaren aldeko hautua egin aurretik, lehendakariak uste du badirela beste bide batzuk, eta hori izan daiteke bat». Zupiriak nabarmendu du Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk behin baino gehiagotan eskatu diola Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezi horretarako era izateko aukera emateko.
2021-1-15
https://www.berria.eus/albisteak/192299/elikagaiak-izan-ziren-iaz-gehien-garestitutako-produktuak.htm
Ekonomia
Elikagaiak izan ziren iaz gehien garestitutako produktuak
Urteko inflazioa negatiboa izan da, eta prezioek, oro har, %0,5 egin dute behera. COVID-19aren eragina nabaria izan da sektore batzuetan, garraioan bereziki.
Elikagaiak izan ziren iaz gehien garestitutako produktuak. Urteko inflazioa negatiboa izan da, eta prezioek, oro har, %0,5 egin dute behera. COVID-19aren eragina nabaria izan da sektore batzuetan, garraioan bereziki.
Inflazioak negatiboan amaitu zuen iaz Hego Euskal Herrian (-0,5), eta horrek eragin du produktu gehienen prezioek behera egin izana, kontsumitzaileentzat funtsezkoa den arlo batean salbu: elikaduran. Janarien eta edarien prezioak izan dira hain justu igo egin diren produktu bakarrenetarikoak eta, horien artean, gehien garestitu direnak: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, %1,8 egin dute gora, eta Nafarroan, %1,5. Aldiz, gehien merkatu direnak garraiorenak dira: %4,1 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %5, berriz, Nafarroan. Sektore horretan nabaritu da, bereziki, COVID-19aren eragina, mugikortasunari ezarritako muga eta debekuengatik. Horrek eragin nabaria izan du beste sektore batzuetan ere. Komunikazioetan eta aisialdiarekin eta kulturarekin loturiko jardueren prezioetan, %4 eta %2,2 jaitsi dira, hurrenez hurren, lau lurraldeetan. Argindarra, behetik Urte hasieran eztabaida iturri bihurtu da etxeko energien prezioak garestitu izana (ura, argindarra, gasa eta ura, eta, bereziki, ura eta argindarra) . Iazko abenduan ere igo ziren produktu horien prezioak, baina ez urtarrileko lehen astean bezainbeste. Edonola ere, urte osoan zehar arlo horretan pilatutako beherakadagatik 2020an %0,2 baino ez dira igo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta Nafarroan %1,7 merkeagoak izan dira 2019ko prezioekin alderatuta.
2021-1-15
https://www.berria.eus/albisteak/192300/koronabirusaren-beste-aldaera-bat-atzeman-dute-brasilen.htm
Mundua
Koronabirusaren beste aldaera bat atzeman dute Brasilen
Hegoafrikako eta Erresuma Batukoen kasuak bezala kutsakorragoa da hau. Manaos hirian gainezka egin dute ospitale publiko nahiz pribatuek, eta egoeraren larriaz ohartarazi du Brasilgo Osasun Ministerioak.
Koronabirusaren beste aldaera bat atzeman dute Brasilen. Hegoafrikako eta Erresuma Batukoen kasuak bezala kutsakorragoa da hau. Manaos hirian gainezka egin dute ospitale publiko nahiz pribatuek, eta egoeraren larriaz ohartarazi du Brasilgo Osasun Ministerioak.
Japoniak piztu zuen alarma. Brasildik hara joandako bidaiari talde batek positibo eman, eta haiek zuten birusa aztertu ostean. Aldaera berri bat zen. Sokatik tira egin zuten zientzialariek, eta Manaos hirian aurkitu zituzten aldaera horren azken zantzuak. Erresuma Batuan eta Hegoafrikan aurkitutakoak bezala, kutsakorragoa da Brasilgoa ere. Amazonasko hiriburuan egoera larriagotu egin da azken asteetan. Erietxeek gainezka egin dute, bai publikoek eta bai pribatuek, eta urria da babeserako materiala. Kutsatzeek ere gora egin dute estatu hartan. Azken datuen arabera, 218.000 kutsatu eta 5.800 hildako dituzte. Zientzialariek ez dute oraindik argitu, hala ere, kasuen gorakadak zerikusia ote duen aldaera berriarekin. Brasilgo Osasun ministro Eduardo Pazuellok onartu du Manaosen egoera «oso larria» dela, batez ere erietxeetan: «Osasun sistema kolapsatuta dago. Erietxe batean ohe bat lortzeko itxarote zerrenda 480 pertsonakoa da». Oxigeno makinak lortzeko arazoak ere handitu egin dira, eta Brasilgo Gobernuaren enpresa hornitzaile nagusiek Venezuelara jo behar izan dute eskariari erantzun ahal izateko. «Oxigeno eskaintza gutxitu egina da, eta, beraz, oraintxe, zaintza berezietako eskariari erantzutea jarri dugu lehentasun», azaldu du Pazuellok. Manaosko agerraldiak alerta gorria piztu du nazioartean, eta Erresuma Batuak eta Portugalek eten egin dituzte herrialde hartarako hegaldiak. Londresek Brasilgo hegaldiak ez ezik, Hego Amerikako 14 herrialdetakoak eta Portugalgoak ere eten ditu. Erresuma Batuko Garraio ministro Grant Shappsen esanetan, «txertaketa kanpainari eragin ez diezaion» erabaki dute hegaldiak etetea: «Oso urrun heldu gara. Hiru milioi britainiar txertatu ditugu, Frantziak, Alemaniak, Espainiak eta Italiak elkarrekin baino gehiago, eta ez dugu ezustekorik nahi orain». Bi milioi hildako Nazioarteak ez du oraindik bi milioi hildakoren langa gainditu, baina ez da urrun. Gaur-gaurkoz, 93.158.547 dira kutsatuak eta 1.995.273 hildakoak. AEBak dira oraindik ere okerren daudenak, eta India eta Brasil leudeke zerrenda ilun horretako bigarren eta hirugarren tokietan. Europan ere egoera ez da askoz hobea. Alemanian iazko urte bukaeratik itxialdian dauden arren, zenbakiek ez dute hobera egiten. Bi milioi kasu dituzte pandemia hasi zenetik, eta 1.113 hildako azken 24 orduetan —orotara, 45.000 lagun hil dira—. Goranzko joera eteteko asmoz, itxialdi zorrotzagoa ezarri asmo du Angela Merkel kantzilerrak, eta, horretarako, goi bilera egingo du datorren astean Alemaniako 16 landerretako buruekin. Portugalen, berriz, erabateko berrogeialdian daude bart gauerdiaz geroztik. Herrialde hartan presidentetzarako hauteskundeak egingo dituzte hilaren 24an, eta, oraingoz, ez dute horiek atzeratzeko asmorik iragarri, baina ziurtatu dute «segurtasun neurri guztiak» hartuko dituztela.
2021-1-15
https://www.berria.eus/albisteak/192301/nafarroako-auzitegi-nagusiak-atzera-bota-du-terrazetan-erretzeko-debekua.htm
Gizartea
Nafarroako Auzitegi Nagusiak atzera bota du terrazetan erretzeko debekua
Nafarroako Justizia Auzitegiak ohar batean esan du foru gobernuak emandako justifikazioa ez dela «nahikoa» ostalaritzako terrazetan erretzea debekatzeko. Gainerako neurri murriztaileak berretsi egin ditu.
Nafarroako Auzitegi Nagusiak atzera bota du terrazetan erretzeko debekua. Nafarroako Justizia Auzitegiak ohar batean esan du foru gobernuak emandako justifikazioa ez dela «nahikoa» ostalaritzako terrazetan erretzea debekatzeko. Gainerako neurri murriztaileak berretsi egin ditu.
Koronabirusari aurre egiteko neurriak gogortu zituen asteazkenean Nafarroako Gobernuak, eta horietako bat izan zen debekatzea terrazetan edota tabernek kanpoan dituzten barriketan erretzea. Gaur, Nafarroako Justizia Auzitegiak atzera bota du debeku hori, gobernuak emandako arrazoiak «nahikoak» ez direlakoan. Auzitegiak ohar batean esan du Nafarroako Gobernuak ez duela debekua justifikatzeko txosten espezifikorik aurkeztu eta, beraz, ezin duela berretsi erabaki hori. «Justifikazio hori ez da nahikoa osasun publikoaren ikuspegitik beharrezko neurria den ala ez ikusi ahal izateko; izan ere, ez da ad hoc txostenik aurkeztu sala honek neurri horren beharra eta proportzionaltasuna baloratu ahal izateko, soilik bilakaera epidemiologikoari buruzko datuak». Nafarroako Gobernuak hartutako gainerako erabaki murriztaileak ontzat jo ditu, ostalaritza eremuetan erretzeari dagokiona salbu. Auzitegiaren ustetan, herritarren «oinarrizko eskubideak gehiago mugatzea» dakar neurri horrek, eta, beraz, ez da osasun neurrien luzapen bat, horien «benetako aldaketa baizik». Gainera, gogoratu du badaudela erretzeko debekua ezartzeko bestelako neurriak indarrean, bi metroko segurtasun distantzia bermatu ezin bada erretzea debekatuta dagoelako. Erabakiaren aurkako errekurtsoa jar daiteke.
2021-1-15
https://www.berria.eus/albisteak/192302/eajk-eta-psek-manu-lezertua-proposatu-dute-berriro-arartekoa-izateko.htm
Politika
EAJk eta PSEk Manu Lezertua proposatu dute berriro arartekoa izateko
45 legebiltzarkideren babesa beharko dute Lezertua izendatzeko.
EAJk eta PSEk Manu Lezertua proposatu dute berriro arartekoa izateko. 45 legebiltzarkideren babesa beharko dute Lezertua izendatzeko.
EAJk eta PSE-EEk Manu Lezertua proposatu dute berriro ere arartekoa izateko. Bi alderdiek gaur erregistratu dute proposamena Eusko Legebiltzarrean, eta nabarmendu dute Lezertuaren kudeaketa «Eusko Legebiltzarreko talde guztiek aitortu eta baloratu» dutela 2015ean izendatu zutenetik. Euskal Autonomia Erkidegoko seigarren arartekoa da Lezertua: 1989-1995 artean Juan San Martin aritu zen; 1995-2000 artean, Xabier Markiegi; 2000-2004 artean, jardunean, Mercedes Agundez; 2004-2015 artean, Iñigo Lamarka; eta Lezertuak Lamarkari hartu zion lekukoa, 2015ean. «EAJren eta PSE-EEren ustez, Lezertuak azken urteotan egindako kudeaketa legebiltzar talde guztiek aintzatetsi eta balioetsi dute, eta, beraz, uste dute haien hautaketak akordio zabala izango duela Eusko Legebiltzarrean». Bi alderdiek parlamentuan duten gehiengo absolutua ez da nahikoa Arartekoa izendatzeko: hiru bosten aldeko botoak behar dira, 45 legebiltzarkiderenak. Hortaz, oposizioko talderen baten babesa beharko dute proposamenak aurrera egin dezan. Jeltzaleek eta sozialistek nabarmendu dute Lezertuak (Bilbo, 1957) «ibilbide luzea eta egiaztatua» duela Eusko Jaurlaritzaren eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren abokatu gisa. Zuzenbideko lizentzia lortu zuen, eta legeetan masterra egin zuen Londresko Unibertsitatean. Bere ibilbide profesionala Eusko Jaurlaritzako abokatu gisa hasi zuen, eta handik Estrasburgora joan zen Giza Eskubideen Europako Auzitegiko eta Auzitegi Konstituzionaleko abokatu gisa lan egitera. Azken urteetan, Ararteko hautatu aurretik, Europako Kontseiluko krimenaren aurkako borrokaren ataleko burua eta aholkulari juridikoa izan zen.
2021-1-15
https://www.berria.eus/albisteak/192303/faes-farmak-planta-bat-izango-du-derion-200-langile-berrirentzat.htm
Ekonomia
Faes Farmak planta bat izango du Derion, 200 langile berrirentzat
Bere produkzioa hirukoiztea espero du. 150 milioi inbertituko ditu lantegi berrian
Faes Farmak planta bat izango du Derion, 200 langile berrirentzat. Bere produkzioa hirukoiztea espero du. 150 milioi inbertituko ditu lantegi berrian
Faes Farmak 150 milioi euro inbertituko ditu lantegi berri batean, Derioko Parke Teknologikoan (Bizkaia). Horrekin, 200 lanpostu inguru sortzea aurreikusten du (egun 600 inguru ditu Euskal Herrian), eta, horri esker, egungo produkzio ahalmena hirukoiztea.. Aurten hasiko dituzte lanak, eta 2024an amaitu nahi dituzte. Lantegi berria enpresak Leioan (Bizkaia) duenari gehituko zaio. 60.000 metro koadro inguru izango ditu, eta 100 milioi sendagai unitate baino gehiago egiteko ahalmena izango du. Baliabide propioekin eta kanpo finantzaketarekin finantzatuko dira lanak. Taldeak azaldu duenez, lantegi berriari esker, sendagai mota berriak produzitu ahal izango dituzte, eta gaur egun hirugarrenei azpikontratatuak dizkieten ekoizpen batzuk integratu. Horrekin batera, bere produktuen eraginkortasuna hobetzea eta kostuetan lehiakorragoak izatea espero dute. «Muskulu industrial handiago horri esker, Faes Farma taldeak bere hedapen organikorako plan estrategikoa bete ahal izango du, sendagaien salmentak handituz, bai Espainian, bai nazioarteko merkatuetan», azpimarratu du ohar batean». Bere 86 urteko historiako urterik onenetan da Leioako farmazia taldea. 2020an, 63 milioi euro irabazi zituen, irailera artean. 2019a inoizko onena izan zuen, eta 64 milioi lortu zituen urte osoan.
2021-1-15
https://www.berria.eus/albisteak/192304/pujanaren-heriotzarekin-lotutako-bi-atxilotuak-epailearen-esku.htm
Gizartea
Pujanaren heriotzarekin lotutako bi atxilotuak, epailearen esku
Erkorekaren arabera, atxilotutako gazteak bikotea ziren, eta Aizarnazabalgo (Gipuzkoa) landetxean zeuden, azaroaz geroztik. Erantsi du Poliziak eginiko lana «ia amaituta» dagoela.
Pujanaren heriotzarekin lotutako bi atxilotuak, epailearen esku. Erkorekaren arabera, atxilotutako gazteak bikotea ziren, eta Aizarnazabalgo (Gipuzkoa) landetxean zeuden, azaroaz geroztik. Erantsi du Poliziak eginiko lana «ia amaituta» dagoela.
Gizonezko bat eta emakumezko bat atxilotu zituen asteartean Ertzaintzak, Aintzane Pujanaren hilketarekin zerikusia zutelakoan, eta epailearen esku geldituko dira gaur Errenteriako (Gipuzkoa) bi gazteak. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean jakinarazi du Aizarnazabalgo (Gipuzkoa) landetxean zegoen bikote bat dela, azaroaz geroztik ostatua hartuta zeudenak. Pujana ere bertan egon zen Urtezahar gauean, hainbat hedabideren arabera. Erkorekak azpimarratu du Poliziaren lana «ia amaituta» dagoela, «ikerketa garrantzitsu bat egin ostean eta aurrera egiteko elementu inportanteak eskuratu ondoren». Hala ere, epaileak kasua sekretupean jarria du. Hain zuzen, Pujanaren gorpua Aizarnazabalen agertu zen, urtarrilaren 4an. Urola ibaiaren ertzean garbiketa egiten ari ziren langile batzuek topatu zuten. 32 urte zituen, eta Donostiakoa zen; labankadaz hil zuten. Biktimaren bikotekideak jarri zuen haren desagerpenari buruzko salaketa urtarrilaren 1ean. Ertzaintza biktimaren azken egunak eta orduak ikertzen aritu da. Izan ere, besteak beste, Urtezahar egunean festa bat egin zen Aizarnazabalgo landetxe horretan, eta horrek hilketarekin lotura izan zezakeen aztertu du. Hala ere, Erkorekak ohartarazi du, oraingoz behintzat, ez dutela erlaziorik atzeman heriotzaren eta jaiaren artean, baina ikerketak zabalik dagoela oraindik ere.
2021-1-15
https://www.berria.eus/albisteak/192305/remei-sipi-amaia-gorostiza-eta-juan-antonio-urbeltz-sabino-arana-saridun.htm
Politika
Remei Sipi, Amaia Gorostiza eta Juan Antonio Urbeltz, Sabino Arana saridun
Jose Barreira eta Bilboko Mediku Zientzien Akademia ere sarituko dituzte. Urtarrilaren 31n egingo dute sariak emateko ekitaldia, sarean.
Remei Sipi, Amaia Gorostiza eta Juan Antonio Urbeltz, Sabino Arana saridun. Jose Barreira eta Bilboko Mediku Zientzien Akademia ere sarituko dituzte. Urtarrilaren 31n egingo dute sariak emateko ekitaldia, sarean.
Remei Sipi idazle eta Afrikako emakumeen aldeko ekintzailea; Jose Barreira, industrialaria; Amaia Gorostiza enpresaburu eta Eibar Kirol Elkarteko presidentea; Juan Antonio Urbeltz antropologo eta folklorista; eta Bilboko Mediku Zientzien Akademiari emango dizkiete Sabino Arana sariak. Ekitaldia hilaren 31n egingo dute, eguerdian, Sabino Arana fundazioaren egoitzan. Arriaga antzokian egin ohi dute, baina elkartzen den jende kopurua mugatzeko, fundazioaren egoitzan batuko dira, eta streaming bidez eskainiko dute ekitaldia fundazioaren webgunean. Mireia Zarate Sabino Arana fundazioaren presidenteak eta Ignacio Etxeberria idazkariak aurkeztu dituzte aurtengo edizioan saritutako pertsonak eta erakundeak. Adierazi dutenez, Remei Sipi saritu nahi dute, «feminismo militantearen esparruan eta, zehatzago esanda, Afrikako emakumeen aldeko borrokan diharduen ekintzaile nekaezina» delako. Gaineratu dute E'Waiso Ipola (Emakume, altxa zaitez) emakumeen elkartearen bultzatzaile eta idazkaria dela Sipi; Espainiako Estatuan bizi diren eta baztertuta geratzeko arriskuan dauden emakume afrikarrak hartzen ditu elakrte horrek. Jose Barreira, berriz, «ia 40 urtetik Euskadin bizi den galiziar enpresaburua, haren gogo ekintzaileagatik eta Euskadiko hainbat sektoretan (garraioa, siderurgia, logistika, energia berriztagarriak, ostalaritza eta hotelak) enpresa ekimen arrakastatsuak sustatzen eta zuzentzen erakutsi duen gaitasun ezagunagatik» saritu dute: «Kemen ekintzaile hori sustatzeko eta suspertzeko duen berezko talentuari esker, Barreira aise hurbiltzen da euskal gazte askorengana, hitzaldi ugari ematen ditu haientzat, eta ekiteko beldurra bazter uztera gogatzen ditu galiziarrak gure gazteak». Amaia Gorostiza enpresaburu eta Eibar Kirol Elkarteko presidentea da beste sarituetako bat, «enpresaren arloan zein futbolaren munduan eginiko kudeaketa eredu bikainagatik». Klubak egun duen egoerari erreparatu diote: «Ohore handiz esan dezakegu euskal enpresaburu honen ekimenari esker, Eibar dugula Lehen Mailan gizonezkoen eta emakumezkoen taldeak dituen Europako hiririk txikiena». Gaineratu dutenez, Gorostizak erakutsi du «berdintasuna lorgarria dela kirol eta enpresa lako esparru maskulinizatuetan ere». Era berean, Juan Antonio Urbeltz antropologo eta folkloristak ere jasoko du saria, «tradiziozko herri kultura ikertu, aztertu eta zabalduz, berrogeita hamar urtean euskal kulturari egindako ekarpen zabal eta oparoagatik». Sarituen artean bada erakunde bat ere: Bilboko Mediku Zientzien Akademia: «Lehen mailako erreferente soziosanitarioa da, Bizkaiko gizon-emakumeen osasunaren, ongizatearen eta bizi kalitatearen alde egindako 125 urtetik gorako ibilbide luze eta emankorragatik».
2021-1-15
https://www.berria.eus/albisteak/192306/ona-da-kritikoak-izatea-baina-ez-hiperkritikoak-izatea.htm
Politika
«Ona da kritikoak izatea, baina ez hiperkritikoak izatea»
2007an izendatu zuten, lehenengoz, Gipuzkoako ahaldun nagusi, eta, 2011tik 2015era oposizioan egon ondoren, hamargarren urtea betetzen ari da karguan. Markel Olano arduratuta dago egungo egoerarekin, baina sinetsita dago bide onean ari direla lanean.
«Ona da kritikoak izatea, baina ez hiperkritikoak izatea». 2007an izendatu zuten, lehenengoz, Gipuzkoako ahaldun nagusi, eta, 2011tik 2015era oposizioan egon ondoren, hamargarren urtea betetzen ari da karguan. Markel Olano arduratuta dago egungo egoerarekin, baina sinetsita dago bide onean ari direla lanean.
Hirugarren legealdia. Hamar urte. Markel Olanok (Beasain, 1965) aitortu du «oso gogorra» izan zela 42 urterekin Gipuzkoako ahaldun nagusi kargura iritsi zeneko lau urtekoa, baina ez da samurragoa COVID-19aren pandemiak gaur egun sortutako krisi egoera. «Lurraldearen proiektu estrategikoetan» kontrako etengabeko jarreran ez tematzeko eskatu dio oposizioari, eta krisitik ateratzeko «konfiantza» gizarteari. Urte aldaketarekin egoera aldatzea espero zuten askok, baina neurriak gogortu ditu Labik. Gaur-gaurkoz, zein da egoera? Urrian, kasu asko izan zen Gipuzkoan; Araban eta Bizkaian baino gehiago, eta ez geunden ohituta horretara, lehen olatuarekin ez zelako gertatu halakorik. Lurralde gisa kolpe latza hartu genuen. Pixkanaka, datuak hobetzea lortu genuen, baina Eguberrietako jaien ondoren berriz ere datuak okertzen ari dira. Kezka handiko unea da; pandemiak argi utzi digu kontaktu sozialak areagotzean aprobetxatu egiten duela. Iazko martxotik zahar etxeena izan da Gipuzkoako kezka iturri nagusietako bat. Zertan ez da asmatu ia urtebete honetan? Lehen olatu horretan, oso intzidentzia tasa larria izan genuen zaharren egoitzetan. Hutsune nabarmenak izan ziren orduan: EPIen inguruko gabeziak, protokoloenak... Ez genekien gaixotasunak zehazki nola eragiten zuen eta zein neurri hartu behar genituen. Baina bigarren olatuan, ondo funtzionatu dute neurriek, nahiz eta pertsona bakarra gaixotzen edo hiltzen denean jada larria den egoera. Bigarren olatuan eredugarria izan da zaharren egoitzetako langileek eta arlo soziosanitarioak izan duten portaera. Protesta giroan jarraitzen dute zahar etxeetako langileek, eta aldundiari bitartekaritza lana eskatu diote sarritan. Ezinezkoa al da egoera hori desblokeatzea? Argi dago greba bat inorentzat ez dela desiragarria; oso luze doa, gainera. Guretzat egoiliarrak dira bereziki garrantzitsuak, haiek direlako ahulenak. Elkarrizketa prozesu bat martxan dago, eta gu ahalegintzen ari gara elkarrizketa horiek bide onetik joan daitezen. Baina hor amaitzen da gure egitekoa; sindikatuena eta enpresena da ardura. Tamalez, ez dugu ikusten konponbidea gertu dagoenik. (jarraitu irakurtzen, Gipuzkoako Hitza-n)
2021-1-15
https://www.berria.eus/albisteak/192307/hauteskundeak-maiatzaren-30ean-egitea-adostu-du-generalitateak-talde-parlamentarioekin.htm
Mundua
Hauteskundeak maiatzaren 30ean egitea adostu du Generalitateak talde parlamentarioekin
Alderdi guztietako ordezkariekin bildu da gobernua eguerdian, eta han adostu dute data berria. PSC soilik agertu da kontra.
Hauteskundeak maiatzaren 30ean egitea adostu du Generalitateak talde parlamentarioekin. Alderdi guztietako ordezkariekin bildu da gobernua eguerdian, eta han adostu dute data berria. PSC soilik agertu da kontra.
Ahopean esaten zena baieztapen bihurtu da eguerdian, Kataluniako Parlamenturako bozak hiru hilabetez atzeratuko direla jakin denean. Pandemiak herrialdean duen bilakaera okerrak behartuta hartu dute erabakia. PSCk bakarrik egin du Generalitateak egindako proposamenaren kontra, alderdien arteko mahaian, eta, ondorioz, data berria izango dute Kataluniako Parlamenturako hauteskundeek: maiatzaren 30a. Pandemiak herrialdean duen bilakaera okerrak behartuta hartu durte erabakia. Otsailaren 14an egitekoak ziren, hasiera batean, baina Generalitatearen Osasun sailaren txosten baten arabera, COVID-19ak kutsatuen kopuruak eta ZIU zaintza intentsiboko unitateek hauteskundeetarako jarritako hasierako eguna baino zertxobait lehenago joko dute goia. Osasun sailak aurreikusten du egun horietan 3.000 eta 4.000 positibo artean izango direla herrialdean, eta 620 eta 750 paziente artean, ZIUetan. Talde parlamentario guztiekin egindako bilera batean zehaztu dute egun berria, baina, bilera egin dutenerako, Kataluniako Generalitateko zerbitzu juridikoek idatzia zuten hauteskundeak atzeratuko dituen dekretua. Kontsentsua bilatu du gobernuak, hala ere, baina ez du aurkitu; ez erabatekorik, behintzat. Pere Aragones Kataluniako presidenteordeak eta ERCko zerrendaburuak gidatu du bilkura, eta hauteskundeak maiatzera edo ekainera aldatzea proposatu du. Gainerako alderdiek zehaztasun gehiago eskatu diote, eta, ondotik, asmoa maiatzaren 30ean egitea zela jakinarazi du. Epidemiologikoki data egokia dela nabarmendu zuen Alba Verges Osasun kontseilariak, tenperatura beroagoen ondorioz kutsatu gutxiago izango direlako, haren arabera, eta txertaketa kanpainaren emaitzak ikusteko gai izango direlako ordurako. PSCk ez beste alderdi guztiek onartu dute gobernuaren proposamena. Sozialistak bozak atzeratzearen aurka agertu dira hasieratik, baina azken egunetan bozen atzerapen tekniko baterako prest azaldu dira. Proposamen horrekin joan dira bilerara, eta hauteskundeak martxoaren 14an edo 21ean egiteko aukera mahaigaineratu dute. Generalitateak proposatutakoa onartu du gehiengoak, ordea. Hori jakinda ere, bere asmoari eutsi dio PSCk. Hartutako erabakia justifikatzen duen «irizpide epidemiologikorik» ez dagoela adierazi du Miquel Iceta alderdiko idazkari nagusiak, bileraren ostean egindako agerraldian. Ez du zehaztu bere alderdiak hauteskundeen atzerapenari helegitea jarriko dion, baina kritikatu du Kataluniako Gobernuak baimendu egingo duela otsailean egitekoak ziren hauteskundeetara aurkeztutako hautagaitzetan aldaketak egitea: «Gauza bat da hauteskunde data aldatzea, eta beste bat, joko arauak aldatzea» 'Illa efektua'-ri kalte Atzerapen bat saihesten gehien ahalegindu den alderdia da PSC. Salvador Illa egun Espainiako Gobernuko Osasun ministroa dena izango da PSCren hautagaia, eta izendapen horrek izan duen oihartzuna baliatu nahi izan dute; zenbait hedabidek Illa efektua deiturikoa. Izan ere, inkestek aurreikusten dute emaitza onak izango dituela PSCk hauteskundeetan, eta JxC eta ERCrekin lehiatzeko moduan izan daitekeela. Epe motzeko jokaldi horrek udaberrian indar galduko duenaren beldur dira sozialistak. Gogor kritikatu du PSCren jarrera ERCko Sergi Sabriak, eta «arinkeriaz eta zinismoz» aritu izana leporatu die sozialistei, gainerako taldeekin lortutako adostasuna txalotzeaz gain. Antzera mintzatu da JxCeko Elsa Artadi. Hauteskundeak atzeratzea gauzarik «zentzuzkoena» dela nabarmendu du, baina maiatz amaierako hauteskundeak behar bezala egitea bermatzeko neurriak eskatu ditu; hala nola, hauteskunde mahaiak osatzen dituztenak ordurako txertatuta egotea. Oposizioko taldeek ez diote eragozpen handirik jarri gobernuaren proposamenari, baina kritikak izan dituzte kudeaketaren eta erabakia hartzeko moduaren inguruan. Proposatutako data aukeratzeko irizpide sendorik kontuan hartu ez izana egotzi diote gobernuari CUPeko Carles Rierak eta PDeCATeko Marc Castellsek. PPkoek, berriz, erabakia hartu beharra gobernuak COVID-19aren aurka egin beharrekoak egin ez izanaren ondorio dela adierazi dute. Catalunya En Comu Podem hauteskundeak maiatzaren 16an egitearen aldekoagoa zen, baina, atzerapen bat beharrezkoa zela nabarmendu dute alderdiko ordezkariek. Suharragoa izan da Ciudadanoseko zerrendaburu Carlos Carrizosa, atzeratzeko erabakia defendatzeko orduan. «Gizartearen, osasunaren, osotasun fisikoaren eta bizitzaren» alde egiten duen erabakia hartu zutela adierazi du Carrizosak. Legezkotasunari buruzko eztabaida Hauteskundeak atzeratzearen inguruko eskumena ere eztabaidagai izan da azken egunetan. Juan Carlos Campo Espainiako Justizia ministroak ohartarazpena egin zion atzo Generalitateari. Adierazi zuenez, hauteskundeak atzeratzeko aukera «ez dago jasota Hauteskundeen Legean». Behin hauteskundeak iragarrita, Generalitateak horiek atzeratzeko edo bertan behera uzteko eskumenik ez duela defendatu du Espainiako Gobernuak, argudiatuta hauteskunde prozesua gauzatzea hari dagokiola. Campori erantzun zion Meritxell Bud Generalitateko bozeramaileak, atzo bertan, esanez «bideragarria eta legezkoa» dela. «Momentu honetan, hauteskundeen emaitzak baino gehiago kezkatu behar gaitu bozkatzaileen osasunak», gaineratu zuen. Espainiako Hauteskunde Batzorde Zentralak atzera egin zuen atzo arratsaldean, eta onartu zuen atzerapena «bideragarria» dela, osasun publikoarentzako arriskutsua izan daitekeela arrazoituz gero. Batzorde juridiko baten txostena ere badu Generalitateak, pandemiaren testuinguruan hauteskundeak atzeratzeko aukera jasotzen duena. Aurrekariak dira, zentzu horretan, Eusko Legebiltzarrerako eta Galiziako Parlamenturako hauteskundeak; iragan urteko apirilean egitekoak ziren, baina uztailean izan ziren, azkenean.
2021-1-15
https://www.berria.eus/albisteak/192308/mendiak-aldaketak-iragarri-ditu-lanbideren-egituran.htm
Ekonomia
Mendiak aldaketak iragarri ditu Lanbideren egituran
«Zerbitzu eraginkorrago» bat emateko, hainbat neurri jarriko dituzte martxan aurten. Egungo ‰4ko Kontratazio bolumena handitzeko helburua jarri du.
Mendiak aldaketak iragarri ditu Lanbideren egituran. «Zerbitzu eraginkorrago» bat emateko, hainbat neurri jarriko dituzte martxan aurten. Egungo ‰4ko Kontratazio bolumena handitzeko helburua jarri du.
Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako Lan sailburuak ostiral honetan adierazi duenez, Lanbide eraldatzeko prozesuari ekingo diote laster, zerbitzu «eraginkor» bat lortzeko eta herritarrek ez dezaten soilik ikus «laguntza sozialen tramitatzaile gisa». Mendiak gogoratu duenez, gaur egun, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 129.240 pertsona daude langabezian, eta beste 53.000k adierazi dute lana badaukaten arren beste bat nahiko luketela. Azpimarratu du Lanbideren helburua dela behar horiei ere erantzun «eraginkorra» ematea. Lanbidek egun duen kontratazio bolumena (%4) handitzeko xedea azaldu du sailburuak. Abian jarritako eraldaketa prozesuari buruz, azpimarratu du horrek aldaketak ekarriko dituela zerbitzuaren egituran eta funtzionamendu osoan, eta horiek berehala gauzatzen hasiko direla. Zehazki, koordinazio eta komunikazio unitate bat jarriko dute martxan, zuzendaritzen erabakiei koherentzia emateko. Horrez gain, zuzendariordetza berri bat sortuko dute, diru sarrerak bermatzeko errentarekin eta gizarteratzearekin zerikusia duen guztiari erantzuteko. Era berean, Lanbideko bulego bakoitzaren lan kargak aztertuko dituzte, «oreka eta dimentsionamendua lortzeko» eta zerbitzuko langileen prestakuntza eta espezializazio beharrak ezagutzeko. Horrez gain, urte honetan honako ardatz hauetan lan egingo dute, besteak beste: antolaketan; orientazio ereduetan, integralagoa izan dadin; enplegu programetan, lurraldeko ehun ekonomikora lotuagoak egon daitezen; ekintzailetzan; eta prestazioen kudeaketan eta gizarte zerbitzuen arteko lankidetzan Mendiak jakinarazi du prozesu osoa 2022an amaituko dela, Enpleguaren Euskal Legea legebiltzarrera eramatean.