date
stringdate
2012-09-20 00:00:00
2023-12-01 00:00:00
url
stringlengths
47
182
category
stringclasses
10 values
title
stringlengths
3
140
subtitle
stringlengths
0
1.17k
summary
stringlengths
5
1.18k
text
stringlengths
2
35.8k
2023-9-19
https://www.berria.eus/albisteak/232966/kontseiluak-atsekabea-azaldu-du-europako-batasunak-ez-duelako-erabakirik-hartu-ofizialtasunaren-gainean.htm
Gizartea
Kontseiluak «atsekabea» azaldu du Europako Batasunak ez duelako erabakirik hartu ofizialtasunaren gainean
Espainiako Kongresuan euskaraz aritzeko aukera izango dela eta, «kezka» adierazi du, euskal alderdietako ordezkariek adierazi baitute gaztelania erabiltzen jarraituko dutela; euskarak «prestigioa eta sustapena» behar dituela gogoratu die
Kontseiluak «atsekabea» azaldu du Europako Batasunak ez duelako erabakirik hartu ofizialtasunaren gainean. Espainiako Kongresuan euskaraz aritzeko aukera izango dela eta, «kezka» adierazi du, euskal alderdietako ordezkariek adierazi baitute gaztelania erabiltzen jarraituko dutela; euskarak «prestigioa eta sustapena» behar dituela gogoratu die
«Atsekabea» azaldu du Euskalgintzaren Kontseiluak gaur Europako Batasuneko Kontseiluak atzeratu egin duelako euskara, katalana eta galiziera Europako Batasunean ofizialtzeko eskabidearen gaineko erabakia. Espainiako Gobernuak eraman du eskea, baina aurrez jakina zen zalantza handiak zeudela gaiaren inguruan adostasuna lortzeko, eta konplitu egin dira susmo horiek. Dudak azaldu dituzte Europako Batasuneko 27 estatuetako ordezkari askok, eta gaia hobeto aztertzea erabaki dute. Hala ere, Espainiako Gobernuko ordezkariek esan dute lanean jarraituko dutela eskabidea konplitu ahal izateko. Zehaztu ere egin dute zer lan erritmo proposatu duten gaurko bileran; aurrena hiru hizkuntzen ofizialtasuna lortzea da asmoa, eta gero katalanaren gaineko erabakiak gauzatzen hastea. Ondoren helduko dira euskara eta galiziera. Kontseiluaren arabera, Europako Batasuneko Kontseiluaren erabakia «argudio eta oztopo politikoetan» oinarritu da. ELEN elkartean batuta ari da Europako hizkuntza gutxituen aldeko beste hainbat erakunderekin batera. Agerraldia egin zuten atzo Bruselan, eta aldaketak zer «onura» ekar dezakeen nabarmendu zuten. Aldeko botoa eskatu zieten Europako Batasuneko 27 estatuetako gobernuei. Hizkuntzen «prestigioa» areagotzeaz harago, hainbat arlotan aurrerapausoak egiteko bidea arindu dezakeela uste dute. Horiek horrela, Europako Batasuneko ofizialtasunari ez zaiola uko egin behar pentsatzen du Kontseiluak; gaurko «atzerapenaren» ostean ere euskararen, katalanaren eta galizieraren ofizialtasuna «arazorik gabe» onartzea espero du. Horretan lanean jarraitu behar dela uste du. «Gaurkoa aukera bikaina zen, gure hizkuntzen aitormenean eta normalizazioan urrats bat egiteko ez ezik, Europako bizilagun guztien hizkuntza eskubideetan sakontzeko». Gaia Europa osora begira da garrantzitsua, Kontseiluaren iritziz. «Euskarari, katalanari eta galizierari ofizialtasuna aitortzea bide bat da Europako beste hizkuntza gutxituei ere aitortza bera egiteko», azaldu du. «Funtsean, bide bat da herritarren berdintasunean, gizarte kohesioan, justizia sozialean eta bizikidetzan sakontzeko». Espainiako Kongresura begira, «kezka» Espainiako Kongresuan, berriz, aurreikuspenak aldekoak ziren, eta konplitzera doaz: bidea emango dute euskara, katalana eta galiziera erabiltzen hasteko. Gaur albiste iturri da gaia hizpide hartuta egiten ari diren saioa, eta horren balorazioa ere egin nahi izan du Kontseiluak. Aditzera eman dunez, «aspaldikoa» behar zukeen hiru hizkuntzen erabilerak Kongresuan, baina «ongietorria» eman behar zaio aldaketari. Hizkuntza gutxituei «gutxieneko errespetu demokratikoa» adierazteko era bat dela uste du, aintzat hartu beharrekoa. Euskal alderdiek, aldaketaren harira, esan dute gazteleraz eta euskaraz jardungo dutela Kongresuan hemendik aurrera, eta Kontseiluak «kezkaz» hartu du jakinarazpen hori. Kataluniako eta Galiziako diputatuen jarrera, alde horretatik, egokiagoa iruditu zaio, esan baitute beren mintzaldiak hemendik aurrera katalanez eta galizieraz egingo dituztela. «Txalotzekoa da». Horiek horrela, horien eredua nabarmenduta, euskal ordezkariei gogoratu die euskarak ezinbestekoa duela «prestigioa ematea eta sustapena», eta aurrerako urratsak egin behar dituztela norabide horretan. Hortik haiei zuzenduriko mezua: «Kontseiluak zinez espero du euskal alderdietako ordezkariek hau guztia kontuan hartzea, eta euskara eta gaztelera erabiltzeko zenbatekoak erabakitzean presente izatea euskararen normalizaziorako zeinen garrantzitsua den eredu ematea, prestigioa ematea eta sustapena».
2023-9-19
https://www.berria.eus/albisteak/232967/hezkuntza-sailak-milioi-bat-euro-bideratuko-ditu-eskola-garraiorik-gabe-izan-diren-familientzat.htm
Gizartea
Hezkuntza Sailak milioi bat euro bideratuko ditu eskola garraiorik gabe izan diren familientzat
Kilometro bakoitzeko 29 zentimoko ordaina emango die Jaurlaritzak. Kaltetutako familiek dokumentu bat baino ez dute bete beharko, eta dirua «denbora tarte labur batean» jasoko dute.
Hezkuntza Sailak milioi bat euro bideratuko ditu eskola garraiorik gabe izan diren familientzat. Kilometro bakoitzeko 29 zentimoko ordaina emango die Jaurlaritzak. Kaltetutako familiek dokumentu bat baino ez dute bete beharko, eta dirua «denbora tarte labur batean» jasoko dute.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ezohiko diru laguntza bat onartu du ikasturte hasieran autobus zerbitzurik gabe izan diren familiei kalte ordainak emateko. Bizilekutik ikastetxera dagoen kilometro bakoitzeko 29 zentimo ordainduko dizkie Jaurlaritzak astebete inguru eskola garraio zerbitzurik gabe egon diren Arabako eta Bizkaiko familiei. Eusko Jaurlaritzako gobernu bileraren osteko agerraldian egon da Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua, eta hark eman du diru laguntzen berri. Azaldu du deialdia irailaren 26an argitaratuko dela EAEko Aldizkari Ofizialean, eta laguntzak biharamunean sartuko direla indarrean; alegia, hilaren 27an. Familiek hilabeteko epea izango dute eskaria aurkezteko: urriaren 27ra arte, hortaz. Diru laguntza jaso nahi duten familiek dokumentu bat bete eta ikastetxeko zuzendaritzan aurkeztu beharko dute, aurrez aurre edo telematikoki. Seme-alaba bakoitzeko eskari bat aurkeztu ahal izango dute, eta dirua «denbora tarte labur batean» jasoko dutela ziurtatu du Bildarratzek. Honako hauek eska dezakete diru laguntza: eskola garraioaren erabiltzaile diren Haur Hezkuntzako (HH) 3. mailakoek, HHko 4. eta 5. mailakoek, Lehen Hezkuntzakoek, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzakoek eta Oinarrizko Lanbide Heziketakoek. Jardunaldi zatitua duten ikastetxeetan, joan-etorriko bi ibilbide hartuko dira kontuan, eta jardunaldi trinkoa dutenei dagokienez, ibilbide bakarra. Bizilekutik ikastetxera bitarteko distantziak neurtzeko, GeoEuskadi kartografian oinarritutako tresna erabiliko du Jaurlaritzak, baina beste aldagai batzuk ere bai: hala nola ikastetxearen ordutegia edo ikasleek eskolako jantokia erabiltzen duten ala ez. Kalte ordainaren zenbatekoa kalkulatzeko, kontuan hartu dute administrazioak bere langileei laneko bidaiak egiten dituztenean ordaintzen dien zenbatekoa –kilometroko 26 zentimo–. Eskola garraioko zerbitzua astelehenean berrezarri zuten, Hezkuntza Sailak eta garraio enpresek erdietsitako behin-behineko akordioari esker. Bi aldeek «ahalik eta egonkortasunik handiena» bilatuko dute hurrengo ikasturterako, baina, orain, Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna da gurasoek jasandako kaltea konpentsatzea eta garraio zerbitzurik ezak eragindako kostuak «arintzea».
2023-9-19
https://www.berria.eus/albisteak/232968/hurrengo-asteburuan-egingo-dute-irailekoak-egitasmoa-lekeition.htm
Kultura
Hurrengo asteburuan egingo dute Irailekoak egitasmoa, Lekeition
Euskal poeten lana gizarteratzea da jaialdiaren helburu nagusia, eta hitzaldiak, irakurraldiak eta errezitalak prestatu dituzte, besteak beste. Euskaltzaindiak antolatu du, Lekeitioko Udalaren babesarekin.
Hurrengo asteburuan egingo dute Irailekoak egitasmoa, Lekeition. Euskal poeten lana gizarteratzea da jaialdiaren helburu nagusia, eta hitzaldiak, irakurraldiak eta errezitalak prestatu dituzte, besteak beste. Euskaltzaindiak antolatu du, Lekeitioko Udalaren babesarekin.
Iraila agurtzeko, poesiari eskainitako asteburu bat antolatu du estreinakoz Euskaltzaindiak. Irailaren 30ean eta urriaren 1ean egingo dute, Lekeition (Bizkaia), eta Irailekoak izena jarri diote. Andres Urrutia euskaltzainburuak azaldu duenez, «Euskaltzaindiak literaturari dion atxikimendua adierazteko» helburuarekin antolatu dute jaialdia, eta euskal poeten lana gizarteratzea izango da asmo nagusia. Alabaina, beste hizkuntza batzuetako egileen lanek ere izango dute tokia, hala nola autore katalanenak. Euskal Herri osoarentzat izango da jaialdia, eta Euskal Herrian antolatzen diren orotariko literatura jardunaldien egutegia osatuko duela zehaztu du Miren Agur Meabe idazleak: «Poesiak bere toki-denborak izan ditzan, bestelako ekintzekin lehian sartu gabe». Euskal poeten lana ezagutarazi nahi dute jaialdiaren bitartez, eta askotariko hitzaldien, irakurraldien eta errezitalen bidez egingo dute hori. Hala ere, bestelako helburu batzuk ere izango ditu egitasmoak. Esate baterako, azken urteotan euskal poesiak hartu dituen bideei buruz hausnartuko dute Perimetro poetikoak XXI. mendean: neurtezinaren zirrimarrak hitzaldian. Iratxe Retolaza EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea arituko da hizlari. Poesiarekin batera, beste arte mota batzuk ere uztartuko dituzte. Musika eta artelanak, esate baterako. Lekeitioko hormak eta erakusleihoak askotariko egileen bertso lerroz jantzi dituzte jada. Horrez gainera, Iraileko paperak izeneko aldizkaria argitaratuko dute, jaialdiaren lekukotza jasotzeko asmoz. «Oroigarri intelektual-poetiko bat izango da», zehaztu du Meabek. Euskaltzaindiak Lekeitioko Udalaren babesarekin antolatu du jaialdia, baina herriko beste eragile batzuen laguntza ere izan dute. Tartean, Kitto merkatarien elkartearena, Sociedad Recreativarena eta Lekitto musika bandarena. Aurrerantzean, Irailekoak jaialdia «ohiturazko» izatea espero dute antolatzaileek. Lekua, baina, zehazteko dagoela adierazi du Meabek: «Aurten, Lekeition izango da; hurrengoetan, ikusiko da». Jarraian, egunez eguneko egitaraua: Irailak 30, larunbata 11:00. Perimetro poetikoak XXI. mendean: neurtezinaren zirrimarrak hitzaldia, Iratxe Retolazaren eskutik, Sociedad Recreativan. 13:00. Errezitala: Aritz Gorrotxategi, Nerea Arrien, Eric Ditxarri eta Inun musikaria, San Juan Talakon. 18:00. Poeta gazte horiek errezitala kalerik kale: Beatriz Txibite, Itziar Ugarte, Jokin Erkoreka, Libe Goitia eta Martin Bidaur. 22:00. Maite Larbururen kontzertua, San Jose elizan. Urriak 1, igandea 11:00. Antonia Vicensen eta Iñigo Astizen arteko solasaldia, Sociedad Recreativan. Hamabost minutuko atsedenaldiaren ondoren, Mireia Calafellen eta Itxaro Bordaren arteko solasaldia.
2023-9-19
https://www.berria.eus/albisteak/232969/azerbaijanek-terrorismoaren-aurkako-operazio-militar-bat-hasi-du-karabakh-garaian.htm
Mundua
Azerbaijanek «terrorismoaren aurkako» operazio militar bat hasi du Karabakh Garaian
Azerbaijango Defentsa Ministerioak esan du «helburu militar legitimoei» soilik egingo diela eraso. Karabakh Garaiko arartekoaren arabera, bonbardaketen ondorioz 25 pertsona hil dituzte, eta horietako bi zibilak dira
Azerbaijanek «terrorismoaren aurkako» operazio militar bat hasi du Karabakh Garaian. Azerbaijango Defentsa Ministerioak esan du «helburu militar legitimoei» soilik egingo diela eraso. Karabakh Garaiko arartekoaren arabera, bonbardaketen ondorioz 25 pertsona hil dituzte, eta horietako bi zibilak dira
X sare sozialean zabaldutako prentsa ohar baten bitartez, Karabakh Garaian «terrorismoaren aurkako» operazio militar bat hasi duela iragarri du Azerbaijango Defentsa Ministerioak. Handik minutu gutxira zabaldu dira zibilek grabatutako lehen bideoak: kea eta etxe birrinduak. Azerbaijango Defentsa Ministerioaren arabera, herrialdearen «ordena bermatzeko eta estruktura konstituzionala berrezartzeko» jarri dute abian operazioa. Goizeko erasoei dagokienez, bertsio bana zabaldu dute. Azerbaijango Defentsa Ministerioak esan du «helburu militar legitimoei soilik» egingo diela eraso, ez herritar edo azpiegitura zibilei. Karabakh Garaiko Atzerri Ministerioak, ordea, salatu du hiriburua eta beste zenbait herri ere «masiboki» bonbardatu dituztela. Guegam Stepanian hango arartekoak X sare sozialaren bidez jakinarazi du 25 direla hildakoak; tartean, bi zibil. Iluntzean istiluak izan dira Erevanen, Armeniako hiriburuan. Hango hedabideen arabera, manifestari talde bat gobernuaren egoitzara sartzen ahalegindu da, eta Poliziak, besteak beste, granada itsutzaileak jaurtiz erantzun du. Armeniaren eta Azerbaijanen arteko soka gero eta gehiago tenkatu da azken hilabeteotan, baina zerk bultzatu du gaurko erasoa? Jojavand eskualdean Azerbaijango bi zibil eta lau militar hil ziren atzo, pertsonen kontrako mina batzuk lehertu ondoren. Azerbaijanek Armeniako armadari leporatu dizkio sei heriotza horiek. Gero, hasiko zuten operazioaren berri eman, eta Laçid pasabidea berriro irekitzeko eskatu dute, giza laguntza alde batetik bestera eraman ahal izateko, eta zibilek «arrisku eremua» utzi ahal izateko. Hain justu, bi herrialdeen arteko liskarren beste eragileetako bat da Laçingo pasabide hori. Izan ere, horrez gain Armeniak ez du beste biderik Karabakh Garaira iristeko, eta urte hasieratik pasabidea blokeatuta eduki du Azerbaijango Gobernuak. Gurutze Gorriko Nazioarteko Batzordeak birritan salatu du Karabakh Garaiko ospitaleek eta osasun etxeek ez dituztela nahikoa baliabide, baita herritarrek oinarrizko elikagaiak falta dituztela ere. Erevanen arabera, Azerbaijanek azkenaldian izan dituen «ekintza probokatzaileen eta oldarkorren adibide bat» da pasabidearen blokeoa. Bakuk, berriz, leporatzen dio Azerbaijango lurraldetik Armeniako militarrak erretiratu ez izana, bi aldeen arteko tentsio militarrak areagotzea, eta «ekintza terroristetan» parte hartzea. Azerbaijango Defentsa Ministerioaren arabera, ekintza horiek guztiek «arriskuan jartzen dute eskualdeko egonkortasuna», baita 2020an adostutako su etena ere. Edonola ere, gaurko erasoa baino lehen, tentsioak etengabe egin du gora bi aldeen artean, eta birritan leporatu diote elkarri 2020an sinatutako su etena urratzea. Gaur ia hiru urte, 2020ko azaroaren 10ean, sinatu zuten akordioa. Horrek amaiera eman zion Karabakh Garaiko bigarren gerrari, zeinak ia bi hilabete iraun zuen. Orduan, Armeniak lehenengo gerran eskuratutako zenbait eskualde berreskuratu zituen Azerbaijanek. Karabakh Garaiak, berriz, 1991n izendatu zuen bere burua errepublika independente. Ordutik, Armeniaren eta Azerbaijanen arteko liskarren erdigunean izan da. Nazioarteko Zuzenbidearen arabera, Azerbaijanen parte da lurraldea. Han bizi diren etnia armeniarreko 120.000 lagun baino gehiago, ordea, ez datoz bat horrekin. Nazioarteari laguntza eske Erasoa aurrez planifikatua zegoela argudiatu du Armeniako Gobernuak, eta aho batez ukatu pertsonen kontrako minekin «inolako zerikusirik» izatea. Erantzun posible bati dagokionez, nazioarteari eskatu dio laguntza: NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluari, batetik; eta Errusiari, bestetik. «Urrats argiak eta zehatzak eman behar dira Azerbaijanen indarkeria behin betiko gelditzeko». Errusiaren bitartekaritzarekin adostu zuten su etena Azerbaijanek eta Armeniak. Bada, orain, egun hartako deklarazioan onartutakoa bete dezala galdegin dio Armeniako Atzerri Ministerioak Errusiari: «Adierazpenaren arabera, eskualdean dauden Errusiako bakerako tropek neurriak hartu behar dituzte Azerbaijango erasoari amaiera emateko». Azerbaijango Defentsa Ministerioak ere egin dio keinu Errusiari. Haren arabera, Karabakh Garaian operazio militar bat hasiko zuten «jakinaren gainean» zegoen Errusia. Baina halakorik ukatu du Atzerri ministro Maria Zajarovak: «Erasoak hasi baino minutu gutxi lehenago iritsi zen informazio hori». Zirt edo zart egin ordez, Errusiako Gobernuak eskatu die liskarrak «berehala» eteteko, eta dituzten desadostasunak «eztabaidaren, politikaren eta diplomaziaren bidetik» konpontzeko. «Karabakh Garaiko gatazkari irtenbide baketsu bat aurkitzeko eman beharreko pauso guztiak hiru aldeek 2020an sinatutako adierazpenean daude jasota», adierazi dute gobernuaren Telegram aplikazioko kontuaren bidez. Errusiaren ildo bera jarraitu dute beste nazioarteko bitartekari batzuek, hala nola Frantziak eta EB Europako Batasunak. Operazio militarrak eteteko eskatu die Azerbaijani, eta, bi aldeei, hitz egitera esertzeko.
2023-9-19
https://www.berria.eus/albisteak/232970/etxegabetzeen-auzian-ez-ikusiarena-egitea-leporatu-diote-gasteizko-udalari.htm
Gizartea
Etxegabetzeen auzian «ez ikusiarena egitea» leporatu diote Gasteizko Udalari
Gasteizko Udalak etxegabetze askotan izandako jarrera salatu du Etxebizitza Sindikatuak. Gasteizko Udalak iragarri du bulego bat irekiko duela etxegabetzeak «prebenitzeko».
Etxegabetzeen auzian «ez ikusiarena egitea» leporatu diote Gasteizko Udalari. Gasteizko Udalak etxegabetze askotan izandako jarrera salatu du Etxebizitza Sindikatuak. Gasteizko Udalak iragarri du bulego bat irekiko duela etxegabetzeak «prebenitzeko».
Duela astebete, hiru familia kaleratu zituzten Prado kaleko etxebizitza batetik. Atzo, ordea, Gasteizko Udalak iragarri zuen bulego bat irekiko duela etxegabetzeak «prebenitzeko» asmoz. Etxebizitza Sindikatua haserre agertu da erabakiarekin, eta udalari leporatu dio etxegabetze askotan «ez ikusiarena egin» izana. Prado kalekoa «arduragabekeria horren» kasu bat besterik ez dela adierazi du sindikatuak, gainera. Prado kaleko hiru familiek azpierrentatzailearen partetik «indarkeria mota guztiak» jasan behar izan zituztela azaldu du Etxebizitza Sindikatuak, eta Gasteizko Udalaren arduragabekeria «onartezina» izan zela. Aldarrikatu dute Gizarte Zerbitzuek egoeraren berri izan arren, ez zutela inolako borondate errealik izan alternatibak bilatzeko, eta kaltetutako familiak gaizkileak balira bezala tratatu zituztela. Gasteizko Udaleko Gizarte Politiketako zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok atzo iragarri zuen herritarrei «informazioa, aholkularitza eta prebentzioa» eskainiko dizkien bulegoa martxan jarri dutela, horrelako bulego baten sortzea «oso interesgarria» delakoan.
2023-9-19
https://www.berria.eus/albisteak/232971/maialen-chourraut-eta-olatz-arregi-munduko-txapeldunorde-izan-dira.htm
Kirola
Maialen Chourraut eta Olatz Arregi munduko txapeldunorde izan dira
Lasartearrak eta donostiarrak zilarrezko domina lortu dute K1eko taldekakoan, Londresen, Munduko Txapelketan. 29 ehunenengatik ihes egin die urreak.
Maialen Chourraut eta Olatz Arregi munduko txapeldunorde izan dira. Lasartearrak eta donostiarrak zilarrezko domina lortu dute K1eko taldekakoan, Londresen, Munduko Txapelketan. 29 ehunenengatik ihes egin die urreak.
Euskal piraguistak lehen egunetik hasi dira nabarmentzen Londresen, Munduko Eslalom Txapelketan. Maialen Chourrautek eta Olatz Arregik zilarrezko domina lortu dute gaur K1eko taldekakoan; Laia Sorribes katalana izan dute taldekide. Lasartearrak eta donostiarrak oso gertu izan dute urrezko domina, 29 ehunenera baino ez. Baina, azkenean, Australiarentzat izan da. Londresen zilarra lortuta, Europako Txapelketako arantza atera dute Chourrautek eta Arregik: hirugarren izan ziren, baina Frantziak jarritako helegite baten ondorioz, brontzezko dominarik gabe geratu ziren. Beste bi piraguistak eskura izan dituzte dominak gaur: Miren Lazkano donostiarra eta Klara Olazabal irundarra laugarren izan dira C1eko taldekakoan. Pau Etxaniz donostiarra, berriz, hamargarren izan da K1eko taldekakoan. Lazkanok eta Olazabalek banakako lehiako kanporaketak jokatuko dituzte bihar.
2023-9-19
https://www.berria.eus/albisteak/232972/iparraldeko-euskarazko-haurtzaindegien-egoera-hobetzeko-kanpaina-abiatu-dute.htm
Gizartea
Iparraldeko euskarazko haurtzaindegien egoera hobetzeko kanpaina abiatu dute
Haur hezkuntza osoki euskaraz egiten duten egiturak %5 dira Iparraldean, eta ez dute asebetetzen galdea.
Iparraldeko euskarazko haurtzaindegien egoera hobetzeko kanpaina abiatu dute. Haur hezkuntza osoki euskaraz egiten duten egiturak %5 dira Iparraldean, eta ez dute asebetetzen galdea.
Konkolotx Ipar Euskal Herriko zortzi haurtzaindegi eta haurtzain etxe euskaldunen elkarteak salatu du euskarazko haur hezkuntzaren egoera «larria» dela. Elkartearen helburu nagusia da haurtzaindegietan euskara hedatzea eta euskarazko zerbitzua bermatzea, murgiltze sistema baliatuz eta haien arteko laguntza azkartuz. Baina, erran dutenez, zailtasunak dituzte, baliabide eskasiagatik. Izan ere, EEP Euskararen Erakunde Publikoari diru laguntza eskatu, baina ezezkoa eman zien. Haien «aterabide bakarra», orduan, herritarren laguntza jasotzea da, dirua biltzeko kanpaina baten bidez; helburua da irailean denbora erdiz kontratatu duten langilearen saria diruztatzea. Salatu dute diru laguntza ez ukan izanak erakusten duela lehen haurtzaroa ez dela «lehentasunezkoa». Ipar Euskal Herrian, haurtzaindegien %5ek proposatzen dute murgiltze sistema. Ehun leku eskaintzen dituzte, baina 2023ko eskaerak eskainiriko lekuak halako bi izan ziren. «Gure haurtzaindegi eta haurtzain etxeak gainezka dira», adierazi du Leire Bidart Konkolotxeko kide eta haurtzainak. Adibidez, Marie Dol Miarritzeko (Lapurdi) Ohakoa haurtzaindegiko zuzendariak zehaztu du ikasturte honetarako 25 familiaren eskaerak baztertu behar izan zituela. Egoera hori dela eta, burasoek frantses hutsean edo ele bitan funtzionatzen duten haurtzaindegietara eraman behar izaten dituzte haurrak, halabeharrez, nahiz eta murgiltze sistema nahi izan. «Haurren eta familien hizkuntza eskubideak urratzen dira», gaitzetsi zuen Sebastien Castet Euskal Konfederazioko kideak. Euskara, lehen haurtzarotik Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak erran duenez, umeek 0 eta 3 urte artean ikasten eta barneratzen dituzte hizkuntzak, eta, ondorioz, haurtzaindegian frantsesez edo elebi tan aritzeak euskararen ikastea oztopatzen du, bai eta euskaraz aritzeko aukera ere. Jorajuriak, bestalde, adierazi zuen urtero hirurehun haur sartzen direla lehen aldiz Seaskako ama eskoletan, eta haien artean anitzek euskara ez dutela naturalki erabiltzen haur hezkuntza frantsesez egin dutelako. Hala, azpimarratu du euskarazko murgiltzea «beharrezkoa» dela lehen haurtzaroan. Gainera, hezkuntza sektore osoan bezala, haur hezkuntzan ere langileak falta dira. Konkolotxek dituen arazoetako beste bat da ez dutela atzematen langile euskaldunik, proposatuak diren formakuntza eta diploma guziak frantsesez baizik ez direlako eginak. Hortaz, adierazi dute ezinbestekoa dela langileak euskaraz trebatzea.
2023-9-19
https://www.berria.eus/albisteak/232973/patxi-zubizarretak-irabazi-du-espainiako-haur-eta-gazte-literatura-saria.htm
Kultura
Patxi Zubizarretak irabazi du Espainiako Haur eta Gazte Literatura saria
'Zerria' lanagatik egin diote aitortza. Besteak beste, «kontakizunaren ahalmen desafiatzailea» nabarmendu dute epaileek, baita «irakurlearen memoria eta oraina astintzeko eta hunkitzeko abilezia» ere.
Patxi Zubizarretak irabazi du Espainiako Haur eta Gazte Literatura saria. 'Zerria' lanagatik egin diote aitortza. Besteak beste, «kontakizunaren ahalmen desafiatzailea» nabarmendu dute epaileek, baita «irakurlearen memoria eta oraina astintzeko eta hunkitzeko abilezia» ere.
Atzera ere, euskarazko lan bati egin dio aitortza Espainiako Haur eta Gazte Literatura sariak: Patxi Zubizarreta idazleak (Ordizia, Gipuzkoa, 1964) irabazi du garaikurra aurten, 2022an plazaraturiko Zerria liburuagatik (Erein). Lanaren hainbat ezaugarri nabarmendu ditu epaimahaiak: hala nola «narrazioaren kalitate aparta» eta «irakurlearen kontzientzia, memoria eta oraina astintzeko eta hunkitzeko erabilitako abilezia». Halaber, nobelaren «ahalmen desafiatzailea» goratu dute epaileek. Gainera, diotenez, Zubizarretak ederki jakin du «deskribapen hipnotikoz» gizatasunari buruz hausnartzen. «Patxi Zubizarretak, bere leuntasunarekin eta idazkera dotorearekin, ederki lortzen du zaurian edertasuna aurkitzea. Haurrentzako literatura harribitxi bihurtzen du hala», erantsi dute. Hain zuzen ere, besteak beste sari bati esker argitaratu zuen Zubizarretak Zerria, lanak 2021eko Lizardi saria irabazi baitzuen, sariketak haurrentzako obrak ez ezik gazteentzakoak ere aintzat hartu zituen lehenbiziko aldian. Zubizarreta lehendik ere izana zen garaile hartan; 1991n, haren liburu Matias Ploffen erabakiak saritu zuten. Gainera, bestelako sari ugari jasotakoa da Zubizarreta. Esate baterako, lau aldiz eman diote hari haur eta gazte literaturako Euskadi saria –1998an, 2006an, 2010ean eta 2019an–. Espainian saritu berri duten Zerria eleberrian, gizatasunaren eta animaltasunaren gaineko hausnarketa sakona egiten du Zubizarretak, gazte glaziologo batek jasotzen duen notizia bat abiapuntu hartuta. Beste beste, infantizidio baten kontakizuna eginez.
2023-9-19
https://www.berria.eus/albisteak/232974/bi-egunean-milaka-ikustaldi-izan-ditu-antton-telleriaren-nekatutak-bakarrizketak.htm
Bizigiro
Bi egunean milaka ikustaldi izan ditu Antton Telleriaren 'Nekatutak' bakarrizketak
Igande arratsaldean ikusgai jarri zuen Youtuben Donostiako Antzoki Zaharrean eskainitako saioa. Ia 8.000 ikustaldi lortu ditu 48 orduotan.
Bi egunean milaka ikustaldi izan ditu Antton Telleriaren 'Nekatutak' bakarrizketak. Igande arratsaldean ikusgai jarri zuen Youtuben Donostiako Antzoki Zaharrean eskainitako saioa. Ia 8.000 ikustaldi lortu ditu 48 orduotan.
«Ikusi, partekatu, egin barre eta ordaindu. A ez. Debalde da». Antton Telleria itxialdian hasi zen umoreari tiraka, eta badira bi urte oholtza gainean txisteak kontatzen hasi zela. Nekatutak bakarrizketaren hirurogei emanalditik gora egin ditu Euskal Herrian zehar; horietan azkena, martxoaren 4an, Donostiako Antzoki Zaharrean. Izan zuen berezitasunik. Grabatu zuen saio bakarra izan zen, eta herenegun jarri zuen ikusgai sareetan: Nekatutak-Grabatutak. Arrakasta handia izan du ikuskizunak Youtuben, berehala. Bost egunetan, irailaren 17tik 22ra, 20.000 ikustaldi baino gehiago pilatu zituen. Telleria bera harrituta geratu zen bakarrizketak izandako harrerarekin: «Sinetsi ezinda nago, baina hala da, ze, ziurtatzeko, 2.000 aldiz sartu eta atera naiz». Zenbaitek besterik ez zuten ahala esateko Nekatutak ikusi zutela, oraintsu arte. Sare sozialetan eskerrak eman dizkiote euskarazko umoreari egindako ekarpenagatik: «Nork esan du ezin daitekela euskaraz kalitatezko stand up-a egin». Euskarazko komedia «gehiago» eskatu duenik ere bada. «Horrelakoak behar ditu euskarak, kalitatezko entretenimendua. Eskerrik, Antton», dio beste batek. Nahita idatzitakoa da eskerrik hori; bakarrizketan bertan aitortzen du umoregileak gehien gorroto duen jendea «eskerrik» esaten dutenak direla. Euskarazko stand up komediari «balio bat» emateko modua izan zen Nekatutak grabatzearena, Telleriaren ahotan: «Atzetik datozenek izan ditzaten erreferentziak eta ikus dezaten gauza txukunak ere egiten direla euskaraz komediaren arloan». Hala adierazi zion Gipuzkoako Hitza-ri eskainitako elkarrizketan, martxoaren 4ko emanaldiaren atarian. Antzokietan, herriko plazetan, gaztetxeetan, tabernetan... eta, orain, pantailetan. Mikrofono batekin izan den txoko guztien artean, Eibar izan da kuriosoena (Gipuzkoa). Joan den otsailean, etxetik mugitu gabe gozatu zuten zenbaitek bakarrizketaz; Eibarren bi emanaldi eskaini zituen. Bata pisu bateko egongelan, eta bestea, eraikin bateko zabaltzan. Ikusi gehiago: Antton Telleria: «Gustatzen zait zuzentasunetik pixka bat aparte ibiltze hori»
2023-9-19
https://www.berria.eus/albisteak/232975/klima-aldaketarako-lege-proiektua-guztiz-eskasa-dela-salatu-du-greenpeacek.htm
Gizartea
Klima aldaketarako lege proiektua «guztiz eskasa» dela salatu du Greenpeacek
Talde ekologistako ordezkariak lege proiektua kritikatu du, «helburu txikienak» bilatzen dituelako
Klima aldaketarako lege proiektua «guztiz eskasa» dela salatu du Greenpeacek. Talde ekologistako ordezkariak lege proiektua kritikatu du, «helburu txikienak» bilatzen dituelako
Lorea Flores Greenpeace talde ekologistako ordezkariak Klima Aldaketa eta Trantsizio Energetikorako Lege proiektua «guztiz eskasa» dela adierazi du Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian. Eusko Jaurlaritzak onartutako lege proiektuaren ahulezia azalean utzi du Floresek: «Testua ez da nahikoa klima aldaketaren aurka borrokatzeko, ez baitu helbururik jasotzen berotegi efektuko gasen emisioak murrizteko». Floresek azaldu du lege proiektuaren helburua izan beharko litzatekeela sistema elektrikoa %100ean berriztagarria lortzea, eta horretarako emisioak gutxitzean jarri beharko litzatekeela arreta. Horretaz gain, azpimarratu du herritarren parte hartzea sustatu behar dela klima aldaketari aurre egiteko: «Sistema energetikoa demokratizatu behar da, eta haren gaineko kontrol oligopolikoa amaitu».
2023-9-19
https://www.berria.eus/albisteak/232976/memeloarena-egin-du-senperrek-kongresuan-euskaraz-hitz-eginda.htm
Politika
«Memeloarena» egin du Senperrek, Kongresuan euskaraz hitz eginda
PPko bozeramaileak atzo bertan esan zuen haren alderdiak ez dituela hizkuntza koofizialak erabiliko ganberan. Gaurko saioan, ordea, euskaraz ere egin du. Gainontzeko ordezkari politikoei barre eragin die horrek.
«Memeloarena» egin du Senperrek, Kongresuan euskaraz hitz eginda. PPko bozeramaileak atzo bertan esan zuen haren alderdiak ez dituela hizkuntza koofizialak erabiliko ganberan. Gaurko saioan, ordea, euskaraz ere egin du. Gainontzeko ordezkari politikoei barre eragin die horrek.
«Espainiako Kongresuan ez dugu memeloarena egingo, ez horixe; ez ditugu gauza arraroak egingo». PPko diputatuek ganberan zer hizkuntza erabiliko duten galdetuta, hori erantzun zuen atzo Borja Senper alderdiko bozeramaileak. Gaur, ordea, hizkuntza koofizialak Kongresuan erabiltzeko erreforma tramitatzea onartu duten saioan, euskaraz ere aritu da Irungoa. Hitzez hitz, hau esan du: «Zorte handia dugu, hau da egia. Espainia hizkuntza komun bat partekatzen dugun komunitate politiko bat delako, nazio bat, gaztelania hain zuzen ere. Eta, era berean, beste ama hizkuntza batzuk bizirik mantentzen dituelako». Berehala itzuli du gaztelerara Senperrek berak. Jarraian, geldialdi bat egin behar izan du hitzaldian. Izan ere, barrezka hasi dira hemizikloan zeudenetako asko; txalo sarkastiko batzuk ere entzun dira. Baten batek oihu egin dio. «Memeloarena egiten ari zara!», esan diote, atzo egin zituen adierazpenak gogora ekartzeko. Francina Armengol Kongresuko presidenteak kargu hartu behar izan die gainontzeko ordezkari politikoei. Senperrek kostata berrekin dio diskurtsoari: «Nik ulertzen ditut ganbera honen gauzak, ganbera honen dinamikak, baina hamarkada gehiegitan bakoitzak nahi zuen bezala adierazteko askatasunik izan ez duen herrialde batean bizi izan gara; diktadura bat pairatu genuen. Eta urte gehiegitan, Euskal Herrian, talde terrorista batek ezberdin pentsatzen zuena hiltzen zuen». Voxekoek, ganberatik alde Gaurko saioa hasi eta gutxira, Voxeko ordezkariek ganberatik alde egin dute, PSOEko Jose Ramon Besteiro galizieraz mintzatzen hasi denean, hain zuzen, eta itzulpena entzuteko aurikularrak Pedro Sanchezen aulkian utzi dituzte. Senper hizketan hasi denerako, haietako zenbait itzuliak ziren bilkurara, baina irten egin dira berriro PPkoa euskaraz entzun dutenean. Santiago Abascal alderdiko buruak hitz egin du Senperren aferaz: «Bere buruari memelo deitu dio». EAJko Aitor Estebanek bide beretik jo du: «Azkenean Senperrek berak egin du memeloarena, ezta?». Jeltzalea harrituta azaldu da: «Euskara erabili du ganberan, esateko ganberan ez dela euskaraz hitz egin behar». Dena den, gaurkoa aurrerapauso garrantzitsutzat jo du.
2023-9-19
https://www.berria.eus/albisteak/232977/eustatek-puntu-bat-igo-du-2022ko-datua.htm
Eustatek puntu bat igo du 2022ko datua
Eustatek puntu bat igo du 2022ko datua.
Uztaileko datu aurreratua ez da Eustatek zuzendu duen bakarra. 2021eko eta 2022ko datuak ere berrikusi ditu, eta bata zein bestea hobetu ditu: hamarren bat 2021ekoa (%6raino), eta puntu oso bat 2022koa (%5,4raino). Estatistika erakundeek beren datuak berrikustea ohikoa da, ekonomiaren parametro batzuk neurtzeko denbora behar izaten delako, eta urte bateko berrikuspenak hurrengoei ere eragiten dielako. Baina 2022ko aldaketa, puntu portzentual batekoa, ohi baino handiagoa da, eta COVID-19ak ekonomiari emandako bat-bateko kolpearen ondorio da. Eustatek ez ezik, INE Espainiako estatistika erakundeak ere aldatu ditu bere datuak. Astelehenean, bederatzi hamarren igo zuen 2021eko BPGaren hazkundea (%6,4raino), eta hiru 2022koa (%5,8raino). Aldaketa ez da ustekabekoa izan, susmo handiak eragiten zituelako enpleguak pandemia aurreko datuak aise gainditzea baina ez, ordea, BPGak. Berrikuspenarekin, INEk ziurtatu du 2022 amaitu zuenerako gainditu zituela ekonomiak COVID-19aren aurreko datuak.
2023-9-19
https://www.berria.eus/albisteak/232978/pertsona-bat-hil-da-auto-istripu-batean-amurrion.htm
Gizartea
Pertsona bat hil da auto istripu batean, Amurrion
Kamioi batek eta auto batek elkar jo dute A-624 errepidean. Bidea bi noranzkoetan itxi behar izan dute.
Pertsona bat hil da auto istripu batean, Amurrion. Kamioi batek eta auto batek elkar jo dute A-624 errepidean. Bidea bi noranzkoetan itxi behar izan dute.
Kamioi batek eta auto batek elkar jo dute gaur arratsaldean Amurrion (Araba). Autoan zihoan 32 urteko gidaria hil da. Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zerbitzuak azaldu duenez, ezbeharra A-624 errepidean gertatu da, Gasteizerako noranzkoan. 46 urteko kamioilariak, berriz, zauri arinak jasan ditu. Hori dela eta, Gurutzetako ospitalera (Bizkaia) eraman du anbulantzia batek. Ertzaintza, suhiltzaileak eta osasun langileak bertaratu dira ingurura, eta errepidea bi noranzkoetan itxi behar izan dute. Kilometro batzuetako auto pilaketak sortu dira.
2023-9-19
https://www.berria.eus/albisteak/232979/emakumezko-bat-hil-da-adunan-sagar-bilketan-lanean-ari-zela-traktore-batekin.htm
Ekonomia
Emakumezko bat hil da Adunan, sagar bilketan lanean ari zela traktore batekin
Atoidun traktorea labaindu egin zaio, eta zuhaitz baten kontra egin du talka. 35 urte zituen, eta haren heriotza ikertuko dute Ertzaintzak eta Osalanek.
Emakumezko bat hil da Adunan, sagar bilketan lanean ari zela traktore batekin. Atoidun traktorea labaindu egin zaio, eta zuhaitz baten kontra egin du talka. 35 urte zituen, eta haren heriotza ikertuko dute Ertzaintzak eta Osalanek.
Laneko ezbehar hilgarria eguerdian jazo da Adunako (Gipuzkoa) Goiburu auzoan, Aburuza sagardotegitik hurbil, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak azaldu duenez. Sagar bilketan lanean ari zen 35 urteko emakume bat hil egin da, zeraman atoidun traktoreak, atzerantz labaindu, eta zuhaitz baten kontra talka egin duenean. Osasun zerbitzuak eta suhiltzaileak istripuaren gunera iristerako, langilea hilda zegoen. Ertzaintzak ikerketa zabaldu du ezbeharraren nondik norakoak argitzeko, eta Osalaneko teknikari bat ere izan da tokian, ezbeharrari buruzko datuak biltzeko.
2023-9-20
https://www.berria.eus/albisteak/232998/eh-bilduk-salatu-du-batzordeen-banaketatik-at-utzi-dutela-araban.htm
Politika
EH Bilduk salatu du batzordeen banaketatik at utzi dutela Araban
Eva Lopez de Arroiabek EAJ, PSE-EE eta PPren arteko ituna kritikatu du, eta oposizioko lehen indarra «gutxiestea» egotzi die jeltzaleei. Hiru batzorde dagozkio EH Bilduri, baina bi baino ez ditu kudeatuko. EAJk dio talde guztiekin negoziatu dela batzordeen banaketa «bidezkoa» bermatzeko.
EH Bilduk salatu du batzordeen banaketatik at utzi dutela Araban. Eva Lopez de Arroiabek EAJ, PSE-EE eta PPren arteko ituna kritikatu du, eta oposizioko lehen indarra «gutxiestea» egotzi die jeltzaleei. Hiru batzorde dagozkio EH Bilduri, baina bi baino ez ditu kudeatuko. EAJk dio talde guztiekin negoziatu dela batzordeen banaketa «bidezkoa» bermatzeko.
Arabako Batzar Nagusietako batzordeetako presidentetzen banaketatik at geratu dela salatu du gaur EH Bilduk. Koalizioak ohar bidez kritikatu duenez, EAJk, PSE-EEk eta PPk «ituna» egin dute EH Bildu banaketa horretatik kanpo uzteko. EH Bildu bigarren indarra da Batzar Nagusietan, eta, berez, hiru batzorderen presidentetza dagokio, baina bi baino ez ditu izango. Eva Lopez de Arroiabek azaldu duenez, batzordeetako presidentetzak banatzeko proposamenaz hitz egiteko asmoz koalizioa jeltzaleekin harremanetan jarri zenerako, «dena banatuta» zegoen. Are, Lopez de Arroiabek salatu du jeltzaleek hiru presidentetza eskaini zizkiotela EH Bilduri, baina batzorde «txikietakoak», eta aldez aurretik PSE-EErekin eta PPrekin batzorde nagusienak banatuak zituztela.p> Hamabi batzorderen presidentetzak osatu dituzte gaur, eta horietatik bi baino ez dira geratu EH Bilduren esku: Enplegua, Merkataritza, Turismoa eta Foru Administrazioa, eta Garapen Ekonomikoa eta Berrikuntza. EAJk beste sei batzorde zuzenduko ditu, eta PSE-EEk eta PPk bina. EH Bilduko bozeramaileak oposizioko lehen indarra «gutxiestea» leporatu dio EAJri: «EAJk ez du ulertu nahi gauzak aldatzen ari direla, eta ezin du Arabako Parlamentuko bigarren indarra alde batera utzi, lehenengotik mila boto eskasera geratu baita». Haren ustez, EAJren eta PSE-EEren «alde bakarreko» jarduera horrek «aurrekari txarra» ezartzen du legegintzaldiari begira, eta ez dator bat Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak akordiorako eta negoziaziorako egindako deiekin. EAJk, aldiz, ezeztatu egin du Lopez de Arroiabek esandakoa. Joseba Diez bozeramaileak EH Bilduri erantzun dio talde guztiekin negoziatu dela Arabako Batzar Nagusietako batzordeen banaketa «bidezkoa» bermatzeko, eta ukatu egin du EAJren, PSEren eta PPren arteko akordioa egon dela. EH Bilduren «taktizismoari» egin dio kritika: «Bitxia da EH Bilduk ulertzea EAJren, PSEren eta PPren artean akordio bat egon dela baina haiek bezala bi batzorderen presidentetza izatea. Gainera, hiru izan zitzakeen Bateraezintasunen Batzorderako hautagaitza aurkeztu izan balu, baina horri uko egin dio estrategia politiko hutsagatik». Elkarrekin Araba, kritiko Elkarrekin Arabak, berriz, batzordeen banaketa kritikatu du, David Rodriguez bozeramailearen ahotan. EAJ, PSE-EE eta PPren arteko akordioa arbuiatu du: «Beste behin ere, EAJk eta PSE-EEk eskuinera begiratzen dute, justizia sozialari, berdintasunari eta ingurumenari bizkar emanez». Salatu du munta handiko batzordeen presidentetza hiru alderdi horien esku geratuko dela. Besteak beste, Ogasuna, Berdintasuna eta Lehendakaritza batzordeen presidentetza EAJren eta PSEren artean banatu dituzte, eta Rodriguezek uste du horrek gobernuarekiko kontrola murrizteko modua emango diela gobernuko bi alderdiei. PP Ingurumen Batzordearen eta Lurralde Orekako Batzordearen buru izango dela salatu du, era berean. Rodriguezek EAJri eta PSEri ohartarazi die hartutako norabidea ez dela zuzena, eta Elkarrekin Arabak ez duela banaketa hori babestuko.
2023-9-20
https://www.berria.eus/albisteak/232999/mugimendu-feministak-zaintza-eredu-kapitalista-arrazista-eta-heteropatriarkala-gainditzera-dei-egin-du.htm
Gizartea
Mugimendu feministak zaintza eredu «kapitalista, arrazista eta heteropatriarkala» gainditzera dei egin du
Azaroaren 30eko greba orokorrerako deia egin dute Hego Euskal Herriko hiriburuetan, «zaintza sistema iraultzeko urgentzia» nabarmenduta.
Mugimendu feministak zaintza eredu «kapitalista, arrazista eta heteropatriarkala» gainditzera dei egin du. Azaroaren 30eko greba orokorrerako deia egin dute Hego Euskal Herriko hiriburuetan, «zaintza sistema iraultzeko urgentzia» nabarmenduta.
Kutxaz osatutako hesi bat, adreiluak balira bezala. Kutxa bakoitzean, mezu bat: «Atzerritartasun legea», «errolda», «lan feminizatuak eta arrazializatuak». Mezu bakoitza, bizimodu duina oztopatzen duen traba bat. Traba horiek kendu eta, egungo sistemari buelta emanda, zaintza eredu «kapitalista, arrazista eta heteropatriarkala» gainditzeko eta «zaintza eredu publiko eta komunitario berri bat» eraikitzeko aldarria egin du mugimendu feministak Hego Euskal Herriko hiriburuetan, azaroaren 30eko greba feminista orokorraren aurretik. Iruñean, Espainiako Gobernuaren atzerritarrentzako bulegoetan egin dute agerraldia; Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gizarte Politikako Sailaren aurrean; eta Gasteizen, Arabako Diputazioaren parean. Iruñeko ekitaldian, mugimendu feministaren izenean hitz egin dute Ekhiñe Petriatik eta Naroa Unanuak. «Zaintza sistema iraultzeko urgentzia» aipatu dute, gainerako ekintzaileek kutxaz osatutako hesia desegiten zuten bitartean. Azken kutxak erretiratuta, agerian gelditu da pankarta: Atzerritartasun legearen aurka, A30ean grebara goaz!, irakur zitekeen. «Zaintza lanak, gero eta gehiago, emakume migratu eta arrazializatuen gain jartzen dira, baldintza eta esplotazio egoera muturrekoetan», azaldu dute Petriatik eta Unanuak. «Horrek jopuntuan jartzen ditu etxez etxeko langileak, zeinek esplotazio handiena sufritzen duten, zaintzaile guztien artean. Emakume horien ehuneko handi bat arrazializatuak dira eta %29,9 egoera administratibo irregularrean daude, erroldatzeko zailtasunak dituzte, edo egoiliar lana egiten dute, horrek dakarrenarekin: familian bizitzeko aukerarik gabe, atsedenerako eskubiderik gabe, zainduak izateko aukerarik gabe eta hori guztia betikotzen duen atzerritartasun legeak babestuta». Horregatik, «lanak aitortzeko eta banatzeko» beharra azpimarratu dute Mugimendu Feministako kideek. «Langileentzako bidezko baldintzak» aldarrikatu dituzte, lehen urrats gisa: «Instituzioak eta zaintza lanekin negozioa egiten duten enpresak bizi dugun egoeraren erantzule izanik, pribatizazioa eta zaintza lanen merkantilizazioa behingoz amaitzea exijitzen dugu». Egungo sistema «kapitalista, arrazista eta heteropatriarkala» gainditzera eta «guztion bizitzak erdigunean jarriko dituen euskal zaintza sistema publiko eta komunitarioa definitzera» dei egin dute. Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gizarte Politikako Sailaren aurrean egin dute elkarretaratzea mugimendu feministako dozenaka kidek, Zaintzarekin negoziorik ez lelopean. Gizarteko Politikako Departamentuaren egoitzaz gain, zahar etxe ugari daude Intxaurrondo auzoko Txaran, eta ez da kasualitatea izan mugimendu feministak elkarretaratzea hor egitea. «Zahar etxeei erreparatuz, aipatu nahi dugu geroz eta pribatizatuagoa dagoen eremua dela. Guk sistema publikoa indartzea eta zaintza zerbitzuen pribatizazioa amaitzea exijitzen dugu. Era berean, zaintzaren sektorean lanean dabiltzanen lan baldintzak urgentziaz hobetzea exijitzen dugu», adierazi du Elene Lopetegik eta Amaiur Egurrolak, Euskal Herriko Mugimendu Feministaren izenean. Gizonak ere aipagai izan dituzte azaroaren 30eko grebaren harira: «Haiei ere exijitzen diegu dagokien ardura har dezatela eta prozesu honetara batu daitezela: greba feminista orokorra izango da azaroaren 30ekoa, Mugimendu Feminista, eragile sozio-sindikalak zein euskal herritar oro kalera aterako baikara, batera». Izan ere, nabarmendu dute «jendarte osoari eragiten dion afera» dela zaintzarena, eta azaroaren 30eko greba feminista orokorrarekin honakoa aldarrikatuko dutela: «Pertsona guztiok bizi osoan zehar askatasunez eta konpromisoz zaintzeko eta zainduak izateko eskubidea». Mugimendu feministak adierazi du Denon Bizitzak Erdigunean deituriko prozesuarekin «jauzi politikoa» eman nahi duela: «Bizitza duinez hitz egiten ari gara, nork, nola eta zergatik zaintzen duen eztabaidaren erdigunera ekarriz». Azaldu dute urriaren 7an aurkeztekoak diren herri akordioak definituko duela azaroaren 30eko greba feminista orokorraren oinarria. Bien bitartean, Euskal Herriko denetariko udalerrietako greba batzordeetara batzeko deia luzatu diete euskal herritar guztiei. Bilbon, kalea moztuta Bilbon, arratsaldez egin du mobilizazioa Mugimendu Feministak, eta Ibañez de Bilbao kalea moztu dute eserialdi baten bidez, EAJren egoitza den Sabik Etxearen aurrean. Naia Torrealdaik eta Txefi Rocok esan dutenez, horrekin EAJren erantzukizuna nabarmendu nahi izan dute: «EAJ da Bizkaian zaintzen inguruko azpiegituren merkantilizazioaren arduradun; diru publikoaz erresidentzien ituntzea eta pribatizazioa bultzatu dute, eta eguneko zentroak, jantokiak, etxez etxeko zerbitzua eta publikoa beharko lukeen hori suntsitu dute beraien interesen arabera». Feministek kalea moztu dute, gurpildun aulkiak paratuta, eta eserialdia egin dute, beste zenbaitek Sabin Etxeko eraikinean afixak itsasten zituzten bitartean. Ertzainak agertu dira eta bi kideri datuak hartu dizkiete, baina ez da bestelako gorabeherarik egon, eta ordu erdi bat igaro ostean feministek bukatutzat eman dute ekitaldia, txalo artean.
2023-9-20
https://www.berria.eus/albisteak/233000/azerbaijanek-eta-karabakh-garaiak-su-etena-adostu-dute.htm
Mundua
Azerbaijanek eta Karabakh Garaiak su etena adostu dute
Eskualdean dauden Errusiako bakerako tropen bitartekaritzarekin adostu dute, eta 13:00etan sartuko da indarrean. Bihar dira biltzekoak bi aldeetako agintariak.
Azerbaijanek eta Karabakh Garaiak su etena adostu dute. Eskualdean dauden Errusiako bakerako tropen bitartekaritzarekin adostu dute, eta 13:00etan sartuko da indarrean. Bihar dira biltzekoak bi aldeetako agintariak.
Azerbaijanek Karabakh Garaian atzo hasitako erasoaldiak 24 ordu iraun du. Karabakh Garaiko agintariek jakinarazi dute su etena adostu dutela, Errusiako bakerako tropen bitartekaritzarekin. Su etena gaur sartuko da indarrean, 13:00etan. Edonola ere, Azerbaijango Gobernuak ez ditu delako «terrorismoaren aurkako operazio militarrak» etengo trukean ezer lortu gabe. Bakuk atzo hala eskatuta, Karabakh Garaiko agintariek onartu dute Armeniako armadak Errusiako bakerako tropak dauden eremuan dituen militarrak handik erretiratzea, eta Karabakh Garaiko talde armatuak desegitea, baita dituzten arma eta ekipamendu militar guztiak entregatzea ere. Azerbaijanek, ordea, beste baldintza bat ere jarri zuen erasoaldia behin betiko eteteko; hauxe: Karabakh Garaiak bertan behera uztea independentzia eta errepublika aldarrikapena, eta Azerbaijanen parte dela onartzea. Bihar hartuko dute horren eta Karabakh Garaian bizi diren 120.000 pasatxo armeniarren «eskubideen eta segurtasunaren» inguruan hitz egiteko tartea. Azerbaijango Yevlakh hirian bilduko dira bi aldeetako agintariak. Akordioaren inguruan, harrituta agertu da Armeniako Gobernua. Hango lehen ministro Nikol Paxinianek adierazi du Erevanek ez duela parte hartu su ituna adosteko baldintzen eztabaida horretan, eta ez dituela akordio horren zenbait xehetasun ulertzen. «Baldintzen artean aipatzen da Armeniako armadak bere soldaduak Karabakh Garaitik erretiratzea. Ez dugu hori oso ondo ulertzen, birritan esan baitugu 2021eko abuztutik Armeniak ez duela soldadurik han». Ikusi gehiago: Azerbaijanek «terrorismoaren aurkako» operazio militar bat hasi du Karabakh Garaian Azerbaijanek atzo egin zion eraso Karabakh Garaiari. Azerbaijango Defentsa Ministerioak eman zuen operazio militarren berri, eta ziurtatu zuen «helmuga militar legitimoei» soilik egingo ziela eraso, ez herritar eta azpiegitura zibilei. Baina berehala zabaldu ziren bestelako irudiak X sare sozialean. Karabakh Garaiko arartekoaren arabera, eremu zibilak «masiboki» bonbardatu zituzten. Lerro hauek idazterakoan, 32 herritar dira hildakoak —horietako bi haurrak—, eta 200etik gora zaurituak. Azerbaijango Defentsa Ministerioaren arabera, armadak Karabakh Garaiko 90 borroka puntu estrategikoren kontrola hartu du atzoko operazioaren bitartez, eta jakinarazi du «pixkanaka eta talde txikietan» bataila eremutik irteten ari direla armeniarrak. Hain justu, eraso horien aurka egiteko «ezer gutxi» dutela adierazi du gaur Karabakh Garaiko agintaritzak. «Bi egunez, Karabakh Garaiko indar armatuak kemen handiz defendatu dira etsaiaren aurka. Baina etsaia [Azerbaijan] askoz ere indartsuagoa da, bai soldaduei dagokienez, bai ekipamendu militarrari dagokionez». Bonbardaketen harira, zenbait hiritan eragindako kalteak aipatu ditu; «konpondu ezin diren kalteak». Errusiako zenbait militar hil dituzte Beste gerra posible baten aurrean, erasoak eteteko eta elkarrizketen bidetik ekiteko eskatu zuten EB Europako Batasunak, AEB Ameriketako Estatu Batuek eta Errusiak. Azken horren bakerako tropen bitartekaritzari esker heldu da su etena: «Bide baketsuen bidez gatazka honi irtenbide bat aurkitzea lortuko dugula espero dut». Horixe adierazi du Errusiako presidente Vladimir Putinek. Gero, jakinarazi du harremanetan dagoela bi aldeetako ordezkariekin. Hain zuzen, Errusiak Karabakh Garaian duen misioko zenbait militar hil dituzte, gaur, eraso batean. Errusiako Defentsa Ministerioak Telegram bidez jakinarazi duenez, militarrak ibilgailu batean zihoazen, eta «arma arinekin» eraso egin diete. Ez dute zehaztu gertatu ote den su etena adostua izan aurretik edo ondoren. Errusia eta Azerbaijan erasoa ikertzen hasi dira. Bestalde, EB Europako Batasuneko Kanpo Ekintzarako Zerbitzuaren arabera, ordea, Errusia «jarrera pasiboa» izaten ari da gatazkaren inguruan. «Moskuk 2.000 soldadu inguru ditu han, bakerako tropetan, eta zer egin dute? Ezer ez», esan zuen atzo zerbitzuko Europa ekialderako eta Asia erdialderako zuzendariorde Luc Pierre Devignek. Haren arabera, Azerbaijani aurre egin ez izanak «erakusten du Mosku ez dela fidatzekoa». Gaur hiru urte, 2020an, sinatutako su etena urratu zuen atzo Azerbaijanek hasitako erasoaldiak. Orduan ere, Errusiako bitartekaritzarekin iritsi ziren akordiora Armeniako Gobernua eta Azerbaijangoa. Horrek amaiera eman zion bi urteko gerrari, baina gatazka ez zen konpondu, eta tentsioak gora baino ez du egin ordutik. Besteak beste, joan den abenduan Azerbaijanek Laçin korridorea blokeatzea izan zen harremana gehiago tenkatu zuten eragileetako bat. Bi herrialdeen artean dago pasabide hori, eta Armeniak ez du beste biderik Karabakh Garaira iristeko. Gobernuz kanpoko zenbait erakundek salatu dutenez, blokeo horren ondorioz oinarrizko produktuen eta elikagaien eskasia izan dute han inguruko herritarrek.
2023-9-20
https://www.berria.eus/albisteak/233001/ehuko-ordezkoen-egoera-salatzeko-greba-egingo-dute-urriaren-11n.htm
Gizartea
EHUko ordezkoen egoera salatzeko, greba egingo dute urriaren 11n
5.500 irakasle ikertzaile deitu dituzte lanuztera LAB, ELA, Steilas eta CCOO sindikatuek. Gogoratu dutenez, irakasleen lan baldintzen okerragotzea ez da «oraingo auzia».
EHUko ordezkoen egoera salatzeko, greba egingo dute urriaren 11n. 5.500 irakasle ikertzaile deitu dituzte lanuztera LAB, ELA, Steilas eta CCOO sindikatuek. Gogoratu dutenez, irakasleen lan baldintzen okerragotzea ez da «oraingo auzia».
Martxoan sartu zen indarrean LOSU Espainiako Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoa. Ordutik, EHUk irakaskuntza lana egiteko lanaldi partzialeko kontratuak eskaini dizkie ordezkoei; eta 800 euroko soldatak. Egoera hori salatzeko, EHUko irakasle ikertzaileek egun osoko greba egingo dute urriaren 11n, LAB, ELA, Steilas eta CCOO sindikatuek deituta. Leioako campusean egindako agerraldian, ordezko irakasleen egoera «onartezina» dela salatu dute. Era berean, gogoratu dute irakasleen «lan baldintzen okerragotzea» ez dela oraingo auzia: «Aspalditik datorren kontua da, eta irakasle ikertzaile guztioi eragiten digu». Oro har, 5.500 irakasle eta ikertzaile daude deituta lanuztera. EHUren gaur egungo egoera «egiturazko arrazoiei» eta «behar bezalako finantzaketarik ezari» egotzi diote sindikatuek. «Urteak daramatzagu ikusten nola joan diren irakasleen ordezkapenen baldintzak okertuz eta gutxituz». Azaldu dutenez, ordezkapen batzuk berandu egiten dituzte, eta ordeztu gabeko «lan zama» lankideek hartzen dute euren gain. Horrek, gainera, ikasleengan du eragina. Ordezkoen kontratazio eredu berriaren interpretazioak arazoa areagotuko duela jakinarazi dute. «Ordezkapena, beraz, guztion arazoa da». Legeak dioenez, irakaskuntza orduak betetzeko baino ezin dira orain ordezkoak kontratatu. Hau da, langileei ez zaie ikerkuntza ordainduko. Sindikatuek azaldu dutenez, errektoretzak Irakasleen Plan Zuzendaria aipatu du irtenbide modura: ordezkoak ez diren eta irakasle atxiki berriak ez diren gainerako irakasleen irakaskuntza kreditu ahalmena handitzea. «Baina, sail batzuetan urte gutxi barru izango diren erretiroen kontura kontratatu dituzten irakasle laguntzaile doktore batzuez aparte, ez dugu plan horren arrastorik ezagutzen». Ordezkoen egoeraz gain, EHUn dagoen «diskriminazioa» jarri dute mahai gainean sindikatuek. «Ikusten ari gara nola oraindik egiten diren irakasle ikertzaile kolektiboen arteko bereizketak, edo nola aldeak dauden irakasle ikertzaile iraunkor eta aldi baterakoen artean zenbait osagarri eskatzeko orduan (ikerkuntzako seiurtekoak, besteak beste)». Beste diskriminazio «berriak» ere aipatu dituzte, besteak beste, lehengoko irakasle atxikien eta egungo irakasle laguntzaile doktoreen artean: «Baldintza ekonomiko berberen pean irakastordu kopuru ezberdinak eman behar dituzte». Arrazoi ugari mobilizaziorako Sindikatuek esan dute errektoretzarekin duten harremana «oso itxia» dela, «oraingoz». Gaiari «ez-entzunarena» egitea leporatu diote, eta «oso larriak» iruditu zaizkie komunikabideetan egin dituzten adierazpenak. «Jarrera itxi hori da gure greba deialdirako arrazoia». Aldarrikapen ugari egingo dituzte urriaren 11n. Besteak beste, lanaldi osoko irakasle ikertzaileen ordezkapenak lanaldi osokoak izatea eskatuko dute, eta lanaldi partzialean dauden irakasleen gainerako ekintzak aitortzea eta ordaintzea. Era berean, sailak hornitzeko eta lantaldeak handitzeko exijituko dute, baita burokratizazioari mugak jartzeko ere. Soldata ere izango dute hizpide. Izan ere, salatu dute euren soldaten balioa murriztuz joan dela urtetik urtera. «Azken urteotako soldata igoerek ez dute, ezta urrik eman ere, bizitzaren garestitzea konpentsatu». Hori dela eta, galdutako erosahalmena berreskuratzeko, soldatak handitzea eskatuko dute, eta osagarri gehigarriak eguneratzeko. Finantzaketari dagokionez, hura handitzeko exijituko dute, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPGaren %1era heltzeko.
2023-9-20
https://www.berria.eus/albisteak/233002/inoiz-baino-hotel-gehiago-eta-inoiz-baino-beteago.htm
Ekonomia
Inoiz baino hotel gehiago, eta inoiz baino beteago
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hotelek markak hautsi dituzte aurtengo abuztuan: 411.372 bezero, iaz baino %3,5 gehiago. Sekula baino hotel gehiago egon arren, betetze mailak gora egin du.
Inoiz baino hotel gehiago, eta inoiz baino beteago. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hotelek markak hautsi dituzte aurtengo abuztuan: 411.372 bezero, iaz baino %3,5 gehiago. Sekula baino hotel gehiago egon arren, betetze mailak gora egin du.
Inoiz baino hotel gehiago daude Euskal Herrian, eta hori zenbait protesta eragiten ari da turista gehien erakartzen dituzten hirietan eta herrietan, bertakoentzako etxeak eta beste zerbitzu batzuk urritzen dituelakoan. Baina, ba al dago nahikoa bezerorik irekitzen ari diren ostatu horientzat? Baietz diote datuek, udan behintzat bete egin baitira. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuak eman ditu gaur Eustatek, eta horietan agertzen da abuztuan eskainitako geletatik %87,5 beteta egon zirela. Iaz baino bi puntu handiagoa da ehunekoa, eta Eustaten serie historikoko betetze mailarik handiena da. Eskainitako oheei dagokienez, 2018an 2023an baino pixka bat gehiago bete ziren —%80,5 2018an, %80,3 aurten—, baina kontuan hartu behar da orduan baino eskaintza handiagoa dutela bisitariek: 17.842 ohe aurten, 15.446 2018an. Hau da, azken bost urteetan %15,5 handitu da eskaintza. Eustaten arabera, bere eremuan 607 hotel establezimendu daude, iaz baino hamabi gehiago, eta 2018an baino 33 gehiago. Gipuzkoan daude hotel gehien (331), eta han ugaritu dira gehien azken bost urteetan (+24). Bizkaian 227 hotel daude (zazpi gehiago), eta Araban, berriz, 69 (bi gehiago). Baina, hala ere, Bizkaia da bisitari gehien erakartzen duen lurraldea. Abuztuan EAEn ostatu hartu zuten 411.372 bezeroetatik, 190.784k Bizkaiko hotelak hautatu zituzten lotarako (%46,2), iaz baino %1,7 gehiagok. Bezero gutxiago izan dituzte beste herrialdeek, baina haietan gehiago handitu da bisitari kopurua. 161.773 bezero izan dituzte Gipuzkoako hotelek (+%5), eta 58.815, berriz, Arabakoek (+%5,2). Gorakada handiena, Donostian Hiriburuen artean, Bilbok izan du bisitari gehien (127.792), eta ondoren Donostiak (97.836) eta Gasteizek (43.705). Baina, Eustatek datuak biltzen dituenetik, 2011tik, Donostian ia-ia bikoiztu egin dira hoteletako bezeroak (+%86), eta hiri horretan dago zabalduen saturazioari buruzko ustea. Edonola ere, Bilbon ere gorakada nabarmena izan dute ostatuetako sarrerek (+%62), eta Gasteizen ere gora egin du (+%35). Hiru lurraldeetan luzatu egin da turisten egonaldia, eta batez beste 2,18 gaualdikoa izan da. Ez da, ordea, inoizko luzeena: 2011n eta 2016an 2,19 gau igaro zituzten hoteletako bezeroek. Bisitari horiek gero eta gehiago ordaintzen ari dira gaua Euskal Herrian igarotzeagatik. Abuztuan, komuna duen gela bikoitz batek 136 euroko kostua izan du batez beste, iazko abuztuan baino %9 gehiago. Garestienak Gipuzkoa (170,5 euro) eta Donostia dira (210); merkeenak, berriz, Araba (94,5) eta Gasteiz (85). Tartean dago Bizkaia: 117,5 euro gaueko Bizkaian, eta129 euro Bilbon. Nafarroako datuak etzi ematekoa da Nastat.
2023-9-20
https://www.berria.eus/albisteak/233003/irango-janzkera-arauak-betetzen-ez-dituzten-emakumeek-zigor-gogorragoak-jasoko-dituzte.htm
Mundua
Irango janzkera arauak betetzen ez dituzten emakumeek zigor gogorragoak jasoko dituzte
Parlamentuak onarturiko lege proiektuak, besteak beste, bost eta hamar urte arteko espetxealdiak aurreikusten ditu. NBErentzat, «genero apartheid moduko bat» da.
Irango janzkera arauak betetzen ez dituzten emakumeek zigor gogorragoak jasoko dituzte. Parlamentuak onarturiko lege proiektuak, besteak beste, bost eta hamar urte arteko espetxealdiak aurreikusten ditu. NBErentzat, «genero apartheid moduko bat» da.
Mahsa Aminiren hilketatik urtebetera, Irango Parlamentuak zigor gogorragoak onartu ditu janzkera arauak betetzen ez dituzten emakumeentzat. Kalean beloa ez eramatea desobedientzia zibila egiteko modu bat bilakatu da milaka emakumerentzat Aminiren heriotzaz geroztik, eta, hori kontuan harturik, gobernuak sustaturiko lege proiektuak helburu argi bat du: protesta mota hori amaitzea. «Islamiar errepublikaren aurkakoak diren gobernuekin, hedabideekin edota taldeekin lankidetzan edo modu antolatuan beloa ez eramateko edo desegokiak diren jantziak eramateko delitua egiten duen pertsona ororentzat», besteak beste, bost eta hamar urte arteko espetxe zigorrak aurreikusten ditu lege proiektuak. 1.870 euroko isunak ere proposatu dituzte, baita autoak konfiskatzea, gidatzeko debekua ezartzea eta soldata murriztea ere. Eta, janzkerarekin lotuta, debekatu egin nahi dute galtza hautsiak, mahuka motzak eta bermudak erabiltzea; hori errespetatzen ez dutenak lanpostutik bota ahalko dituzte, lege proiektuaren arabera. Hori bai, neurri horiek ez dira mugatzen beren burua estali behar izatera: eremu publikoetan edota sare sozialetan «gorputzeko parte bat biluzik erakusten badute edo arropa fina edota estua erakusten badute» ere zigortuko dituzte. Irango Parlamentuko Batzorde Judizial eta Legalaren buruzagi Musa Ghazanfarabadik esan du «adituen hainbat azterketaren» ondoren jo zutela onargarritzat lege proiektua. Lau hilabeteko eztabaidaren ondoren, gaur onartu dute, eta 152 diputatuk babestu dute; 34k kontra bozkatu dute, eta zazpi abstenitu egin dira —201 ordezkari politikok parte hartu dute bozketan—. Neurri sorta berriak «hiru urteko probaldia» izango du, Ghazanfarabadik azaldu duenez, baina oraindik ez da indarrean sartu, lege bilakatzeko Zaindarien Kontseiluaren oniritzia falta baitzaio; sei juristak eta sei elizgizonek osatzen dute, eta haien zeregina da parlamentuak onarturiko testuak errepasatzea —beto eskubidea du—. NBE Nazio Batuen Erakundearen adituek esana dute lege proiektua «genero apartheid moduko bat» dela, eta badirudiela Irango agintariak «diskriminazio sistematikoaren bitartez» ari direla gobernatzen. Aminiren hilketaren urteurrena joan den larunbatean izan zen, eta omenaldi bat egin zioten; greba eguna ere izan zen, eta zenbait protesta egin zituzten Iranen menpeko Kurdistanen. Haren aitak, ordea, ezin izan zuen parte hartu, egun horretan atxilo hartu baitzuten.
2023-9-20
https://www.berria.eus/albisteak/233004/kaleratzeak-stop-taldeak-berriro-abiatu-du-udalerriak-tentsio-handiko-eremu-izendatzeko-mozio-kanpaina.htm
Gizartea
Kaleratzeak Stop taldeak berriro abiatu du udalerriak «tentsio handiko eremu» izendatzeko mozio kanpaina
Gipuzkoako hainbat udalerrik uztailean onartu zuten Jaurlaritzari eskaera egitea, eta beste batzuek urrian hartuko dute erabakia.
Kaleratzeak Stop taldeak berriro abiatu du udalerriak «tentsio handiko eremu» izendatzeko mozio kanpaina. Gipuzkoako hainbat udalerrik uztailean onartu zuten Jaurlaritzari eskaera egitea, eta beste batzuek urrian hartuko dute erabakia.
Uztailean egin zuten lehenengo saiakera, eta irailean ekin diote bigarrenari. Kaleratzeak Stop plataformak mozioak aurkeztu ditu bigarren aldiz Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako udal nagusietan. Oporraldian Euriborra %4,25 igo dela adierazi du erakundeak, eta berriro abiarazi uztailean hasitako mozio kanpaina. Helburua da Eusko Jaurlaritzak udal horiek «tentsio handiko eremu» izendatzea eta merkatu pribatuko alokairuen prezioak apaltzea. Donostiako Udala izan zen mozioa berresten lehenbizikoa, eta, Donostiak ez ezik, Eibarrek, Errenteriak, Irunek eta Lasarte-Oriak ere onartua dute jada Gipuzkoan. Hain zuzen, mozioak Gipuzkoan izan du babesik handiena. Lasarte-Orian irailaren 14an onartu zen, PSE-EE, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen babesarekin. EAJ eta PP abstenitu egin ziren, berriz. Zumarragan gaur aurkeztuko da, eta Ordizian, Pasaian, Hernanin, Beasainen, Andoainen, Arrasaten eta Astigarragan, berriz, datozen egunetan. Tolosan, urrian izango da eztabaidagai. Bizkaian, Bilbo, Barakaldo, Portugalete eta Basauriko udaletan aurkeztu da mozioa, eta Santurtzin eta Sestaon urriko udalbatzarretan egitea espero du Kaleratzeak Stopek. Gasteizen, aurreko ostegunean erregistratu zen mozioa, baina herri txandaren bidez. Izan ere, EH Bilduk gaiari buruzko mozio bat aurkeztu zuen ,eta Elkarrekin Podemosek beteta zeukan mozioak aurkezteko gehienezko muga. Hala ere, erregistratu zen mozioa ez zen Kaleratzeak Stopena izan. Hortaz, plataformarena urriko osoko bilkurara joango da. Plataformak EAJri gogoratu dio udal gehienek alokairu mugatuak nahi dituztela, eta horietan etxebizitza legearen alde bozkatzen ari direla jeltzaleak. «EAJk ezin du aitzakiatzat erabili etxebizitza legearen 18. artikuluaren eskumen inbasioa ez jarduteko eta putre funtsek eta jabe handiek etxebizitzarako duten eskubidearekin espekulatzen jarraitzeko». Halaber, plataformakoek Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailari eskatu diote lehenbailehen aintzat hartzeko udalek egindako eskaerak, uste baitute modua emango dutela etxebizitza larrialdia arintzeko, bizitoki «duin eta eskuragarriak» eskaintzeko, eta gehiegizko alokairuak ez ordaintzeagatik etxegabetze eskaera gutxiago izateko.
2023-9-20
https://www.berria.eus/albisteak/233005/adingabeen-kontrako-sexu-abusuei-nola-aurre-egin-azalduko-du-ueuren-jardunaldi-batek.htm
Gizartea
Adingabeen kontrako sexu abusuei nola aurre egin azalduko du UEUren jardunaldi batek
Urriaren 7an eginen dute, Iruñean, Gure Sarea elkartearekin batera, eta haur eta gazteen kontrako sexu abusuen gaia euskaraz landuko duen lehenbiziko jardunaldia izanen da
Adingabeen kontrako sexu abusuei nola aurre egin azalduko du UEUren jardunaldi batek. Urriaren 7an eginen dute, Iruñean, Gure Sarea elkartearekin batera, eta haur eta gazteen kontrako sexu abusuen gaia euskaraz landuko duen lehenbiziko jardunaldia izanen da
Gure Sarea elkarteak emandako datuak gordinak dira: bost haurretik batek jasaten ditu sexu abusuak. Desgaitasunen bat dutenen artean, bi neskatik batek eta hiru mutiletik batek jasan du, jasaten ari da edo jasanen du sexu indarkeria 13 urte bete aurretik. Sexu erasoetan, familian gertatzen direnak dira «gehiengo absolutu». Baina nola erreakzionatu behar da abusu bat gertatzen denean? Norengana jo behar da? Badago protokolorik? Egoera ikusirik, UEU Udako Euskal Unibertsitateak eta Gure Sarea elkarteak Haur eta gazteen kontrako sexu abusuak: Lan sareak ehuntzen jardunaldia antolatu dute: urriaren 7an izango da, Iruñeko Katakrak liburu dendan. Abusuei nola aurre egin azalduko dute. Maitane Urizar Gure Sarea elkarteko kideak argitu du jardunaldiaren funtsa: «Helburua gaia plazaratzea da, baina, batez ere, guzien artean sexu abusuen oinarri den sekretua haustea». Ez da ikastaro bat izanen, gaia lantzeko jardunaldi bat baizik. Are, euskaraz gaia jorratzen duen lehenbiziko jardunaldia izanen da hau. Urizarrek esan duenez, «pauso bat harago» eman nahi dute: «Sentsiblizazioa beharrezkoa da; ohartu behar dugu egoera zein den eta gaia zein larria den; baina bereziki garrantzitsua da azaltzea zer egin halako zerbait gertatzen denean». Izan ere, haurrekin harreman zuzena duten profesionalen graduetan, barne formakuntzetan eta masterretan ez da gai hori lantzen, Urizarrek salatu duenez, eta horrela zaila da kasuak hautematea. «Nola ikusiko duzu, inoiz ez badizute honi buruz hitz egin?». Horri lotutako bi datu eman ditu Urizarrek: laguntza eskatu dutenen artean, %70ek ez dute laguntzarik jaso; eta, biktimek eskolan kontatu duten kasuetan, ikastetxeen %85ek ez dute deus ere egin. Horregatik, adingabeen kontrako sexu erasoei «arazo politiko larri gisa» heldu nahi diete, eta bereziki hezkuntzaren eta osasunaren eremuan auzi horri erantzuteko tresnak eta baliabideak eskaini. Ikusi gehiago: Jardunaldiari buruzko informazio osagarria eta izena emateko Aitor Bengoetxea UEUko zuzendariak esan du haur eta gazteen kontrako sexu erasoen gaia «latza», «lazgarria» eta «oso gogorra» dela, eta, gizartean «kezka» eta «mina» sortzen dituen heinean, UEUk landu beharrekoa dela. «Ikuspegi akademiko batetik ekarpena egin nahi dugu, gaia hobeto ezagutu dadin, eta hortik aurrera arazoari aurre egiten saiatu». Edurne Koch UEUko Nafarroako arduradunak gogorarazi du jardunaldia publiko zabalari irekia dela, baina profesionalek eta Nafarroako unibertsitate ikasleek dutela lehentasuna. UEUren lana, Nafarroan Ikastaroak eta jardunaldiak antolatzeko, Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean ari da UEU, eta emaitza «oparoa» eta «positiboa» lortu dutela azaldu du Kochek: 2023an hamahiru ikastaro eta bi jardunaldi antolatu dituzte, eta harrera «ezin hobea» izaten ari direla nabarmendu du. «Gaur arte eskaini ditugun zortzi jardueretan, 133 ikaslek parte hartu dute, eta 66 ikasle sartu ezinik gelditu dira». Udazkenerako antolatutako jardueretan ere jende «ugari» ari da izena ematen, Kochen arabera; beraz, kontent agertu da egiten ari diren lanarekin: «Gure alea jartzen ari gara goi mailako euskarazko formazioa eskaintzen eta normalizatzen».
2023-9-20
https://www.berria.eus/albisteak/233006/alardearen-auzian-konponbide-laquobidezkoraquo-bat-lortzen-laguntzeko-prest-da-eider-mendoza.htm
Gizartea
Alardearen auzian konponbide «bidezko» bat lortzen laguntzeko prest da Eider Mendoza
Gipuzkoako Batzar Nagusietan mintzatu da Gipuzkoako ahaldun nagusia, EH Bilduk gaiari buruz egindako galdera baten harira
Alardearen auzian konponbide «bidezko» bat lortzen laguntzeko prest da Eider Mendoza. Gipuzkoako Batzar Nagusietan mintzatu da Gipuzkoako ahaldun nagusia, EH Bilduk gaiari buruz egindako galdera baten harira
Ez da izan Jaizkibel konpainiari harrera egin dion lehen ahaldun nagusia. Bidea Martin Garitanok urratu zuen, 2011. urtean, Bilduk Gipuzkoako Diputazioan agintean egin zuen legealdian. Baina iragan irailaren 8an, Hondarribian, alarde egunean, nabarmentzeko moduko irudia izan zen: Eider Mendoza ahaldun nagusi jeltzalea Jaizkibel konpainiari txalo egiten. EAJko buruzagiek, oro har, aldarri parekideari bizkarra eman diote beti udal eta probintzia mailan, eta aintzat hartzeko keinua izan zen. Gaur, «alarde publiko eta parekide bat» lortze aldera zer egiteko asmoa duen galdetu dio Gipuzkoako Batzar Nagusietan EH Bilduko batzarkide Garoa Lekuonak Mendozari. «Konponbide bat» lortzen laguntzeko prest dagoela erantzun du ahaldun nagusiak, baina ez du esan «parekidea» izan behar duenik alardeak, ezta «publikoa» izan behar duenik ere. Beste hitz batzuekin adierazi du nolakoa izan behar duen, bere ustez, konponbideak: «Justua eta bidezkoa izan behar du». Galdera egitean, Lekuonak gogoratu dio Mendozari legeak «espresuki» zehazten duela andreak ezin direla baztertu inoiz eremu publikoetan. EAEko Berdintasun Legearen 25. artikulua aipatu du propio: «Debekatu egiten da emakumeek gizonekiko berdintasunean parte hartzea onartzen ez duten edo oztopatzen duten kultura jarduerarik antolatzea eta egikaritzea gune publikoetan». Horiek horrela, Lekuonak estimatu egin du aurten Mendozak EAJk urte askotan izandako jarrera «hautsi» izana, eta Jaizkibelekin izan zuen «keinua» txalotu egin du, baina kritika ere egin dio. Izan ere, gogora ekarri du diputatu nagusia ondoren alardeari harrera egiten ere geratu zela; desfile horretan andreak baztertzen direnez, auzitan jartzeko moduko jarrera da EH Bilduko batzarkidearentzat: «Biei harrera egitea ez da jarrera neutral bat; konponbidearen alde zaudela esateko ez zaie biei harrera egin behar». Lekuonaren ustez, «andreen eskubideen alde» egite aldera, instituzio publikoek jarrera bakar bat izan dezakete: hautu parekideen aldekoa. «Sentsibilitatearen izenean dena onargarria da? Guk pentsatzen dugu ezetz». Mendoza ez da izan aurten Hondarribiko alardeari harrera egin zion agintari bakarra. Hondarribiko alkate Igor Enparanek ere Jaizkibeli eta alardeari, biei egin die txalo. Aurten lortu du alkatetza Enparanek, eta hasieratik esan zuen jarrera hori izango zuela. Abotsanitz plataformako ordezkaria da. Aurrez alkate jeltzaleak egon ziren beti Hondarribian aldarri parekidea hasi zenetik, eta haien jarrera beti izan zen hautu parekidearen kontrakoa, hura baztertu eta gutxiestekoa; aldiz, beti egiten zituzten keinuak hautu baztertzaileari onespena erakusteko. Hondarribiko EAJk oraindik ere jarrera horretan gotortuta jarraitzen duela gogoratu du gaur Lekuonak, eta zinegotzi jeltzaleek aurten ere ez diotela txalo egin Jaizkibeli. Mendozak ez du propio azaldu zergatik geratu zen bi desfileak ikusten. Alardeena auzi zaila dela esan du: «Gai hau oso konplexua da; ez dago errezeta sinplerik». Aldarri parekideak izan duen bilakaeraren harira, Hondarribian denek «sufritu» egin dutela nabarmendu du behin baino gehiagotan bere mintzaldietan, eta esan du «isilik egoten» ere jakin behar dela gai hau tratatzeko orduan. Baina Gipuzkoako Diputazioak gaiarekin «konpromisoa» duela azaldu du, eta hori erakutsi nahi izan duela aurten egin duen keinuarekin. «Askok esan dute keinuen urtea izan dela, eta bat nator. Seguruenera, denak ez ziren izango denen gustuko», aitortu du. Lehendik ere Gipuzkoako Foru Aldundiak gai honetan «erraztatzaile» jardun duela esan du, aurten «fruitu» batzuk ikusi dituztela konponbiderako bidean, «keinu» batzuk egiteko gogoa ere agerikoa zela, eta horregatik «babestu» nahi izan zituela horiek. «Keinuen» garrantzia «Aurten bazen momentua erabaki batzuk hartzeko», adierazi du Mendozak. «Eta hori izan da gure ekarpen apal eta xumea», zehaztu du: «Oso zintzoa izan da, bihotzez egindakoa». Berak eta Hondarribiko alkateak ez ezik, beste hainbat erakundek ere aurten desfile biak ikusteko keinua egin dutela gogoratu du diputatu nagusiak, eta uste du aintzat hartu behar dela horrek erakusten duena. Egia da: kontuan hartzeko mugimendu gehiago izan ziren. Hondarribiko Kale Nagusiko eliza ataria izan da normalean alardeari txalo egiteko agintariak erabili duten tokia, eta aurten han izan ziren mugimenduei erreparatzeak erabateko zentzua izan du auziaren bilakaerari erreparatzeko. Udalbatzan ez zen batasunik izan; EAJko zinegotziak falta ziren Jaizkibelek desfilatu zuenean, EH Bildukoek alde egin zuten alardea pasatu zenean. Baina bi desfileak ikusteko hautua egin zuen, adibidez, lehen aldiz, Eusko Jaurlaritzako ordezkari batek ere: Jose Antonio Ranz Giza Eskubideen sailburuordea han izan zen. Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakari Xabier Ezeizabarrena ere han izan zen. Emakundek eta EAEko arartekoak, berriz, betiko jarrera izan zuten: hautu parekideari oles egitera bakarrik joan ziren, hari babesa erakustera. Gaiaren konplexutasuna berriz nabarmentze aldera, «korapiloen» metafora ere erabili du diputatu nagusiak: «Korapilo asko dituen mataza bat da». Baina esperantzari ere leiho bat zabaldu nahi izan dio, aurten Hondarribian izan diren mugimenduak tarteko. «Espero dugu keinu hauek balio izatea elkarrizketarako», adierazi du. «Ahaldun nagusi naizen heinean, prest naiz udalari babesa eta laguntza eskaintzeko. Halaxe adierazi diot alkateari». Konponbidea lortzeko bidean denok zerbait «albo batera» utzi beharko dutela nabarmendu du. Lekuonak poza azaldu du diputatu nagusiak «konponbidearen» alde egin duelako. Baina gogorarazi du «legea beteta» bakarrik lor daitekeela behin betiko konponbidea. Eta EAEko Berdintasun Legeak horretarako bidea ondo zehazten duela gogoratu du: «25 artikulua hor dago; 25. artikulua bete behar da». Adierazi du EH Bildu bide horretan «lan egiteko« prest dagoela. Hondarribian aurten ikusi diren keinuen inguruan erruz hitz egin da egunotan. Aurrez, ekainaren 30ean, zeresana eman zuen keinu bat izan zen Irunen ere. Han ere alardea egiten dute; han ere, udal aginteriek aldarri parekidea baztertu izan dute urte askotan, baina aurten, lehen aldiz harrera egin zion udaletxeko balkoian Jose Antonio Santano alkateak alarde parekideari. Keinu bera izan zuen, ohiko eran, andreak onartzen ez dituen desfilearekin ere.
2023-9-20
https://www.berria.eus/albisteak/233007/desgaitasunen-bat-dutenen-artean-hamarretik-bi-baino-ez-dira-bakarrik-bizi.htm
Gizartea
Desgaitasunen bat dutenen artean, hamarretik bi baino ez dira bakarrik bizi
Desgaitasunen bat dutenen egoeraren diagnostikoa aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak. Biztanleen %6,3k dauka elbarritasunen bat.
Desgaitasunen bat dutenen artean, hamarretik bi baino ez dira bakarrik bizi. Desgaitasunen bat dutenen egoeraren diagnostikoa aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak. Biztanleen %6,3k dauka elbarritasunen bat.
Desgaitasunen bat duten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleen ia erdiak (%46,5) familiako kide batekin bizi dira –gurasoekin edo bikotekide batekin–, eta oro har, haien menpe daude ekonomikoki. Gutxi dira bakarrik bizi direnak: hamarretik bi baino ez, eta horietako bat bera ere ez da 18 eta 30 urte artekoa. Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eman ditu datuok, desgaitasunen bat dutenen diagnostikoa jasotzen duen txostenaren aurkezpenean. Hirugarren sektoreko erakundeetako, foru aldundietako eta Nafarroako Gobernuko ordezkariekin elkarlanean ondu dute txostena, eta Gasteizen aurkeztu dute, kolektibo horren «bizimodu independentearen eredua» bultzatzeko jardunaldien barruan. Egindako diagnostikoaren arabera, egun 138.662 pertsonak dute desgaitasunen bat Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: 77.000 gizonak dira, eta 61.000 emakumeak. Biztanleriaren %6,3 dira. Egoera horretan daudenen soslai nagusia hau da: 65 urtetik gorako gizona, % 65etik beherako desgaitasuna duena. Desgaitasunen bat dutenen artean, hamarretik seik desgaitasun ertain-apala dute –% 65etik beherakoa–, eta herenek % 65etik gorakoa. Gainera, adinez nagusiak dira gehienak: % 4 baino ez dira adingabeak. Elbarrien lan egoerari buruzko datu kezkagarria jaso dute dokumentuan: langabezia tasa % 16,5ekoa da, batez besteko tasa halako bi ia. Gaixotasun mentalen bat dutenen artean, nabarmen igo da bakarrik edo modu independentean bizi direnen kopurua: 2008an % 9 bizi ziren bakarrik, eta gaur egun, berriz, % 25. Era berean, senideen etxean bizi direnen ehunekoa ia % 30 apaldu da: 2008an, % 73 ziren; 2020an, berriz, % 44,5. Azpiegiturak eta zerbitzuak eraldatu Melgosak esan du ezinbestekoa dela desgaitasunen bat dutenen «bizimodu independentearen ereduaren» zutoinak finkatzea, helburua baita azpiegiturak, garraio sistemak, zerbitzu publikoak eta pribatuak, eta jarrera sozialak eraldatzea, «inklusiboak» izan daitezen. Pertsona horiek egunerokoan borrokatu behar dute traba fisiko eta sozialak gainditzeko, baina, Melgosaren ustez, eskubidea dute «duintasunez eta autonomiaz» bizitzeko eta gizartearen parte «aktibo» izateko. Zaintza lanak egiten dituztenen eskubideei ere erreparatu die sailburuak, «beren bizitza aurrera eramateko eskubidea» dutelako.
2023-9-20
https://www.berria.eus/albisteak/233008/nekazari-bat-hil-da-fiteron.htm
Ekonomia
Nekazari bat hil da Fiteron
Bere lurretako mahatsak kooperatibako sotoan deskargatzen ari zela, erori eta hil egin da.
Nekazari bat hil da Fiteron. Bere lurretako mahatsak kooperatibako sotoan deskargatzen ari zela, erori eta hil egin da.
Laneko ezbeharrek hiru langileren bizitza eten dute aste honetan. Azken istripua gaur gertatu da, Fiteroko nekazarien kooperatiban (Nafarroa). Lekukoen arabera, bere mahastietako ekoizpena kooperatibaren biltegi batean nola deskargatzen ari zen begira ari zen nekazaria. Mahats guztiak erortzen ez zirenez, pala batekin bultzatu nahi izan ditu, baina orduan, oreka galdu, eta hiru metrotik erori da. Hildakoak Jose B.A. zuen izena; 78 urte zituen, eta Fiterokoa bertakoa zen. Atzo, berriz, Gasteizko Galtzagorri haur eskolako ordezko hezitzaile bat hil zen trafiko istripuz, lanetik etxera zihoala, Amurrion (Araba). 32 urte zituen. LABek hezitzaileen desplazamenduak gutxitzeko «berehalako neurriak» hartzeko eskatu du. ELAk lanpostuak egonkortzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, langileen behin-behinekotasunak joan-etorriak ugaritzen eta istripuak eragiten dituelako. ELAren zenbaketaren arabera, gutxienez hamar langile hil dira aurten in itinere gertatutako istripuetan. Asteartean ere izan zen istripu hilgarri bat, Adunan (Gipuzkoa). Sagardotegi baten lurretan sagarrak biltzen ari zen 35 urteko langile batek gidatzen ari zen traktorearen kontrola galdu zuen aldapa piko batean, eta ibilgailuaren eta zuhaitz baten artean harrapatuta geratu zen.
2023-9-20
https://www.berria.eus/albisteak/233009/inaxi-urbiztondo-ataungo-bertsolaria.htm
Kultura
Iñaxi Urbiztondo Ataungo bertsolaria
Iñaxi Urbiztondo Ataungo bertsolaria.
Ataunen izan zen emakumezko bertsolari bat, historiak haren izena ere gorde ez duena. Baina bertso zahar ugari buruan edukitzeaz eta kantatzeaz gain, berak sortutako sortak ere bazituen Iñaxi Urbiztondo Maizak. Ez da bakar bat ere idatzita edo grabatuta gelditu. Haren oroimena, berriz, Joseba Aurkenerena birbilobak erreskatatu du, eta Zuzeu agerkarian eman zituen, ekainean, «Iñaxi Urbiztondoren bertso galduak». Ataungo Aintzaudietatxiki baserrian jaio zen, 1881eko uztailaren 31n. Jose Batista Etxeberria Goikoetxearekin Azarola baserrira ezkondu zen, eta bost seme-alaba izan zituzten. Iñaxi Urbiztondo Herreran eta Amaran (Donostia) bizi izan zen, semearenean. Erdararik ez zekien, «eta jakin nahiz ere ez». Bizialdi luzea izan zuen: 94 urterekin hil zen, 1975eko azaroaren 17an, hainbesteko gorrotoa zion diktadore espainiarraren heriotza ikusteko zoria izan baino hiru egun lehenago. Anaiaren galeraren historia Bertsoak kantarazten zizkioten Iñaxiri tarteka alabek eta bilobek-eta. Bere bizitzako pasarteei buruzkoak ziren sortak, Aurkenerenak oroitzen duenez. Bertsoak jaso ez bazituzten ere, haietan kontatzen zen edukia narrazio modura atonduta gorde zuen, gaztetan. Bertso sorta luzeak ziren. Historia politak bezain lazgarriak ere bazituen, mendian elurretan hotzak hil zion anaiarena bezala. Iñaxik birikeria harrapatu zuen umetan –gaitz larria–, eta Joakin anaia Iruñera beretzat botika bila joan zen. Bereziki elurtsua eta hotza zen 1891ko negu hura. (jarraitu irakurtzen, Goiberri-n)
2023-9-20
https://www.berria.eus/albisteak/233010/aske-utzi-dute-zornotzar-baten-desagerpenarekin-lotuta-atxilotutako-gizona.htm
Gizartea
Aske utzi dute zornotzar baten desagerpenarekin lotuta atxilotutako gizona
Ertzaintzak ikerketarekin jarraituko duela argitu du. Desagertutako gizona iazko irailean ikusi zuten azkeneko aldiz
Aske utzi dute zornotzar baten desagerpenarekin lotuta atxilotutako gizona. Ertzaintzak ikerketarekin jarraituko duela argitu du. Desagertutako gizona iazko irailean ikusi zuten azkeneko aldiz
Zornotzako (Bizkaia) bizilagun baten desagerpena ikertzen ari zirela, Ertzaintzak gizon bat atxilotu zuen atzo. Epaileak aske uztea erabaki du, inolako neurririk gabe. Dena den, Ertzaintzak ikertzen jarraituko du. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurutasun sailburuak Radio Vitorian azaldu du «ezer gutxi» esan dezakeela ikerketari buruz, sekretupekoa baita. Desagertutako gizonak 52 urte ditu, eta iazko irailean ikusi zuten azkeneko aldiz, herrian bertan.
2023-9-20
https://www.berria.eus/albisteak/233011/gipuzkoako-eraikinetako-garbitzaileek-greba-egingo-dute-urrian.htm
Ekonomia
Gipuzkoako eraikinetako garbitzaileek greba egingo dute urrian
Urriaren 17tik 30era deitu du grebara ELAk. 5.000 langilek egiten dute lan sektore horretan.
Gipuzkoako eraikinetako garbitzaileek greba egingo dute urrian. Urriaren 17tik 30era deitu du grebara ELAk. 5.000 langilek egiten dute lan sektore horretan.
Gipuzkoako eraikin eta lokaletako garbitzaileek bost urte daramate hitzarmena berritu gabe. Sindikatuen eta patronalaren arteko negoziazio mahaian egoera «blokeatuta» dagoela adierazi du ELA sindikatuak, eta, horri aurre egiteko, bi asteko grebara deitu du sektorean: urriaren 17tik 30era egingo da. 5.000 langilek egiten dute lan sektore horretan, eta horietako %90 emakumeak dira. ELAren arabera, langileen %80k lanaldi partziala dute, eta askok hilean 1.000 euro baino gutxiago irabazten dute. Hala, sektore feminizatu horretan lan baldintzak guztiz prekarioak direla salatu du sindikatuak, eta hori amaitu nahi duela adierazi du. Izan ere, urteetan hitzarmena berritu ez dutenez, erosteko ahalmena «etengabe» galdu dute langileek. Patronalaren jarrera «atzerakorra» dela nabarmendu du sindikatuak, eta langileen eskakizunei «entzungor» egitea leporatu dio. Hala, urriko bi asteko greba horren ostean aldaketarik ez badago greba mugagabera joko dutela iragarri du ELAk. Itunik gabeko sektorea Sindikatuak adierazi duen moduan, bost urte daramate Gipuzkoako eraikinetako garbitzaileek itun berria sinatu gabe. Maiatzean bete zituen bost urte azken itunaren iraungitzeak, eta orduan astebeteko greba egin zuten, egoera salatzeko eta negoziazioan aurrerapausoak ematea eskatzeko. Orduan, baina, ez zuten lortu patronalak jarrera aldatzerik, eta berdin jardun dute gaur arte. Patronalaz gain, garbiketa enpresa horien zerbitzuak kontratatzen dituzten enpresa eta erakundeengan ere jarri du arreta ELAk, egoeraren erantzukizuna «euren gain» hartu behar dutela esanez. Batez ere, erakunde publikoei eta alderdi politikoei egin die erreferentzia sindikatuak: «EAEn lanbide arteko gutxieneko soldata eskatzen duten arduradun politiko horiek dira gero euren udaletan garbikuntzako langileak prekaritatera kondenatzen ari direnak, hileko 1.180 euroko soldata gordinekin».
2023-9-20
https://www.berria.eus/albisteak/233012/frontex-agentziak-irunean-egin-duen-bilera-gaitzetsi-dute-hainbat-kolektibok.htm
Gizartea
Frontex agentziak Iruñean egin duen bilera gaitzetsi dute hainbat kolektibok
Taldeek diote agentziaren sorrerak «mugen militarizazioa» ekarri duela
Frontex agentziak Iruñean egin duen bilera gaitzetsi dute hainbat kolektibok. Taldeek diote agentziaren sorrerak «mugen militarizazioa» ekarri duela
Goitik behera beltzez jantzitako pertsona bat, esku batean sega eta bertzean diruz betetako maletatxoa dituena. Horrela irudikatu dute heriotzaren figura hainbat kolektibo antirrazistak gaur Iruñean antolatutako performance batean. Frontex agentziak gaur Baluarten egindako bilkura gaitzesteko egin dute antzezlana: «Nekropolitika migratorioa heriotzaz jantzia, jauregi batean sartzen diruz betetako maletatxo batekin, bizitza migratzaileekin salerosian aritzen jarraitzeko». Karabana Mugak Zabalduz, PIM, Salhaketa Nafarroa, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Etorkinekin Diakite federazioa eta Nafarroako SOS Arrazakeria taldeek ohar bateratu bat zabaldu dute. Bertan adierazi dutenez, Frontex 2004an sortu zen, EB Europako Batasuneko «kanpo mugen blindajea kudeatzeko». Haien iritziz, agentzia horren sorrerak ekarri du «mugen militarizazioa eta migrazio kontrolaren negozioa munduko errentagarrienetakotzat ezartzea». Agentziaren jarduera kritikatu dute: «Europak eta estatu kideetako Barne Ministerioek hamaika heriotza eragin dituen migrazio politika marrazten dute, nor, nola eta non existitu daitekeen edo ez erabakiz, eta Frontex da, praktikan, heriotza horiek gauzatzen dituen beso armatua. Orain baditu bere eurosoldatuak eta milioi askoko aurrekontua, 100 milioi eurotik 845,4 milioi eurora pasa zena». Jarduera horiek kontuan hartuta irudikatu dute agentzia heriotza izanen balitz bezala: «Haren alfonbra gorria dira isilpean hil diren hamaika pertsonaren izenak. Haien heriotza Europako instituzioen bilkura geletan planifikatu zuten». Hala, agerraldiaren bidez «botereek ezarritako mugetatik harago beren bizitza proiektuak» gauzatzen dituzten pertsona haiek guztiak gogora ekarri nahi izan dituztela erran dute. Mugimendu feminista Baluarten egindako kritika mugimendu feministak egindako agerraldiarekin «lotu» nahi dutela adierazi dute. Izan ere, azaroaren 30eko greba orokorrerako deia Espainiako Gobernuaren atzerritarrentzako bulegoetan egin dute. Haien iritziz, «Frontexeko ordezkariek gaur hizpide izan dituzten migrazio politiken ispilua» da gobernua.
2023-9-20
https://www.berria.eus/albisteak/233013/sufritzeko-unean-kale-egin-du.htm
Kirola
Sufritzeko unean kale egin du
Realari eskuetatik ihes egin dio Txapeldunen Ligako lehen garaipenak, Inter Milanekin berdindu eta gero. Brais Mendezek egin du etxekoen gola, eta Lautaro Martinezek banakoa, azken hatsean.
Sufritzeko unean kale egin du. Realari eskuetatik ihes egin dio Txapeldunen Ligako lehen garaipenak, Inter Milanekin berdindu eta gero. Brais Mendezek egin du etxekoen gola, eta Lautaro Martinezek banakoa, azken hatsean.
Nekez hasi zezakeen estreinako hoberik Realak Txapeldunen Ligan, baina azken laurdenean defentsa lerroan izandako ahulezia garesti ordaindu du, Inter Milan talde indartsuaren aurka bana berdinduta, Donostian. Brais Mendezek egin du etxekoen aldeko gola, partidaren hastapenean, eta Imanol Alguacilenak nagusi izan dira neurketa ia osoan. Harik eta Lautaro Martinezek Anoeta isilik utzi duen arte, 87. minutuan. Ur baldekada hotza izan da bisitarien gola. Entrenatzaile oriotarrak Real Madrilen aurkako hamaikako bera zelairatu du, Santiago Bernabeun izandako sentipen onak berresteko asmoz. Bada, txuri-urdinak hortzak ongi zorroztuta irten dira. Izan ere, partida hasi eta berehala, talde donostiarraren eraso erauntsia heldu da. Brais Mendezek izan du lehen abagunea, buruz errematatuta. Jarraian, Ander Barrenetxeak zutoinera bidali du baloia. Hirugarren ahaleginean heldu da gola, galiziarrari esker; erdilariak Interreko atzelari Alessandro Bastoniri lapurtu dio baloia, eta, ezkerrez, maisuki amaitu du jokaldia. Zoramena Anoetan. Gol horri esker, erabat hauspotu dira Imanolenak, eta Lombardiako taldearen areara oldarkor heltzen hasi dira, baita abagune garbienak eduki ere, batez ere ezker hegaletik, eskuinean Takefusa Kubo gertutik zainduta baitzuten. Halere, japoniarra ez da kikildu, eta baloia jaso bakoitzean arriskua sortzeko ahala izan du; 40. minutuan,, erdiraketa dotore bat jarri du, baina Robin Le Normandek ez du behar bezala errematatu. Simone Inzaghirenak gozakaitz ari ziren, jokoa landu ezinik. Nicolo Barella, eta Lautaro Martinez eta Marcus Thuram aurrelariak itzalita zeuden. Gisa horretara heldu dira atsedenaldira. Gidoi berarekin ekin dio Realak bigarren zatiari, eta lehen minututik demaren jabe egin da. Yann Sommer Interreko atezainak galtzak bete lan izan du etxekoen erasoaldiari aurre egiteko. Suitzarrak bikain erantzun dio Mendezek urrunetik egindako jaurtiketa lehor bati. Reala gehiago izan arren, zorroztasuna falta zitzaion azken unean atea zulatzeko. Edonola ere, donostiarrak izan dira arrisku gehien sortu dutenak; 68.minutuan, Mikel Merinok buruz bidalitako baloiak langa jo du. Neurketa, ordea, ez zegoen erabakita, eta, Interrek erasora jo du. 79. minutuan Thuramek banakoa jarri du, baina Augusto jokoz kanpo zegoen. 87. minutuan, ostera, Martinezek ez du barkatu. Davide Frattesik egindako erdiraketa bikain borobildu du argentinarrak. Realak berdinketarekin konformatu behar izan du. Bestalde, D multzoko beste neurketan, Salzburgo 0-2 gailendu da Benficaren zelaian, Lisboan.
2023-9-21
https://www.berria.eus/albisteak/233034/aebetako-erreserba-federalak-bere-horretan-mantendu-ditu-interes-tasak.htm
Ekonomia
AEBetako Erreserba Federalak bere horretan mantendu ditu interes tasak
%5,25 eta %5,5 artean eutsi die, baina urtea amaitu aurretik beste 0,25 puntu igotzea aurreikusi dute.
AEBetako Erreserba Federalak bere horretan mantendu ditu interes tasak. %5,25 eta %5,5 artean eutsi die, baina urtea amaitu aurretik beste 0,25 puntu igotzea aurreikusi dute.
2022ko martxotik hona 11 aldiz jarraian interes tasak igo ostean, Amerikako Estatu Batuetako Erreserba Federalak igoera hori gelditu zuen atzo, eta uztailean jarritako ehunekoari eustea erabaki du. Orduan, %5,25 eta %5,5 artera igo zuten diruaren prezioa, eta bere horretan mantentzearen alde egin dute. Hala, AEBetan interes tasak goia jotzear direla dirudi, nahiz eta aurreikusi duten urtea amaitu aurretik beste puntu laurden igoko direla interes tasak. 2022ko martxotik hona izugarri igo dira tasak, 2001eko urtarrilera egin behar baita atzera diruaren prezio hain handia ikusteko. Hala ere, abiadura bizkor horri balazta jarriko diotela iragarri zuen abuztu amaieran Jerome Powell Erreserba Federaleko presidenteak, hurrengo urratsak «kontu handiz» egingo zituztela esanez. Eta, adierazpen horiei jarraikiz, irailean ez dituzte interes tasak igo. EBZ Europako Banku Zentralaren bestelako bidea hartu du, beraz, Erreserba Federalak, Christine Lagarde frantsesak zuzentzen duen erakundeak %4,5era igo baitzituen interes tasak joan den astean. Diru politikaren gogortasuna EBZko eta Erreserba Federaleko presidenteen jarrerak ezberdinak dira inflazioari aurre egiteko hartutako neurrien inguruan. Christine Lagardek politika murriztaileen aldeko jarrera du oraindik ere, inflazio tasa handiaren aurkako neurri nagusi gisa ikusten baitu. Gainera, eurogunean inflazioa eta batez ere azpiko inflazioa jaistea nekeza izaten ari denez, halako politikekin jarraitzearen alde agertu da behin eta berriro, ekonomia geldoarazteko. Powellen adierazpenak, baina, neurrizkoagoak dira, uste baitu hemendik aurrera «kontu handiz» hartu beharko dituztela diru politikako neurriak. Hala ere, nabarmentzekoa da ezen interes tasen igoera fase berri honetan Erreserba Federalak erabaki agresiboagoak hartu zituela hasieran, eta interes tasen maila ikustea besterik ez dago, puntu bat handiagoak baitira AEBetan eurogunean baino.
2023-9-21
https://www.berria.eus/albisteak/233035/bi-gizon-atxilotu-dituzte-bat-bilbon-eta-bestea-getxon-sexu-eraso-bana-egotzita.htm
Gizartea
Bi gizon atxilotu dituzte, bat Bilbon eta bestea Getxon, sexu eraso bana egotzita
Bilbon atxilotu duten gizonari egozten diote bi emakumeri beirazko botila batekin erasotzea, eta horietako bati ukituak egitea. Getxon salatutako sexu erasoaren aurka bi elkarretaratzetara deitu du udalak.
Bi gizon atxilotu dituzte, bat Bilbon eta bestea Getxon, sexu eraso bana egotzita. Bilbon atxilotu duten gizonari egozten diote bi emakumeri beirazko botila batekin erasotzea, eta horietako bati ukituak egitea. Getxon salatutako sexu erasoaren aurka bi elkarretaratzetara deitu du udalak.
Ertzaintzak bi gizon atxilotu ditu, sexu eraso bana leporatuta; bata, Bilbon, eta bestea, Getxon (Bizkaia). Gaur goizaldean izan da Bilboko erasoa, 04:00 inguruan, San Frantzisko auzoan. Ertzaintzak 27 urteko gizon bat atxilotu du, lesio delitu bat eta sexu eraso bat leporatuta. Atxilotua ostalaritza establezimendu batean zegoen, eta bi emakumeri eraso egin die beirazko edalontziekin. Biktimetako bati sexu ukituak egin dizkio, eta musu bat eman dio hark hala nahi gabe, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Gertaeraren tokira bertaratu dira Ertzaintza eta larrialdi zerbitzuak, eta han artatu dituzte bi emakumeak. Horietako batek hortz batzuk hautsita zeuzkan, eta, zaurien larritasuna ikusirik, Basurtuko ospitalera eraman dute. Atxilotua epailearen esku utzi du Ertzaintzak. Bestalde, Ertzaintzak gizon bat atxilotu zuten joan den asteartean Getxon (Bizkaia), emakume bati sexu erasoa egitea egotzita, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Erasoa Neguri auzoan gertatu zen, eta, emakumeak salaketa jarri ondoren, gau horretan bertan atxilotu zuen Ertzaintzak ustezko erasotzailea. Getxoko Udalak adierazpen instituzional bat onartu du erasoa gaitzesteko, eta bi elkarretaratzetara deitu du biharko; eguerdian, bilkura instituzionala egingo du, eta arratsaldean herritar guztiak deitu ditu elkarretaratzera batu daitezen.
2023-9-21
https://www.berria.eus/albisteak/233036/eritasun-baten-ondorioz-debekatua-da-kabalek-muga-zeharkatzea.htm
Ekonomia
Eritasun baten ondorioz, debekatua da kabalek muga zeharkatzea
Ulitxa baten ziztadak odol galtzeak eragin ditu behietan. Gaixotasunak ez die gizakiei eragiten
Eritasun baten ondorioz, debekatua da kabalek muga zeharkatzea. Ulitxa baten ziztadak odol galtzeak eragin ditu behietan. Gaixotasunak ez die gizakiei eragiten
Ulitxa edo eltxo batek behi saldoetan egindako ziztadak eten egin du abereen garraioa Ipar eta Hego Euskal Herriaren artean. Iberiar penintsularen hegoaldean agertu zen gaixotasuna, 2022. urtean, eta iparraldera hedatzen aritu da azken hilabeteetan. Irailean iritsi zen Gipuzkoara eta Arabara, eta atzo lehen kasuen berri eman zuten Hazparneko (Lapurdi) etxalde batean eta Etxebarreko (Zuberoa) batean. Bizkaian ere agertu da gaixotasuna. Ardiek, behiek eta ahuntzek biltzen ahal dute gaitza, ulitxa mota batek kutsaturik. Kabala batetik bestera ez da gaitza transmititzen, infektatua den ulitxa baten ziztadaren bidez baizik. Kasu larrienetan, animalia hiltzen du eritasunak. DDPP Herritarren Babeserako Departamenduko Zuzendaritzaren arabera, halere, Ipar Euskal Herrian atzeman dituzten bi kasuetan, kabalek ez dute sintoma larririk izan. ANSES Frantziako osasun agentziak erran duenez, klima larrialdiaren ondorio da gaitz horren hedatzea, klima aldaketaren ondorioz heldu baita ulitxa hori Europara. Alain Mesplede DDPPko zuzendariak ere hala esplikatu du France Bleu irratian: «Printzipioz, Ipar Amerikako basa faunako animaliei eragiten die, baina ulitxa hori Europara heldu da, eta abere hazkuntzak ere kutsatzen ditu». Europako Batasuneko araudiari jarraituz, Frantziako Laborantza Ministerioak debekatu du kasu bat atzeman duten saldoaren inguruko 150 kilometroko eremuan diren kabalak Europako beste herrialdeetara garraiatzea. Kabalak hiltegira eramateko bada, aldiz, legezkoa da garraiatzea, nahiz eta Frantziak dituen mugetatik atera. Aurretik ere muga zeharkatzea debekatua zuten Hego Euskal Herriko abereek. Haragiaren garraiorako debekurik ez da, ordea, gaixotasunak ez baitie gizakiei eragiten, eta ez baitu okelaren kalitatea okertzen. Laborariak, beldur ELB sindikatuko kidea da Beñat Etxeto laboraria. Behiak eta ardiak hazten ditu etxaldean, Donaixtin (Nafarroa Beherea), eta aitortu du laborariak «arranguratuak» direla. Behin kutsatuak direlarik, heriotza tasa apala da, %1 inguru, eta sintomak ukaiten dituztenak ere ez dira anitz (%10). Baina Etxetok erran du arazo handiena eritasun horien «kudeaketa» dela. Izan ere, aratxeak etxaldean egonen dira, ezin izanen dituztelako beste herrialde batzuetara igorri. Horrek galera ekonomikoak eragiten dizkie laborariei. «ELBn salmenta zuzenaren alde gara, bistan denez, baina errealitate bat da gure aratxeak beste herrialde batzuetara igortzen ditugula. Eritasuna bera ez da hain larri, baina gure ekonomiaren antolaketak, gaur egun, behartzen gaitu beste herrialdeetara kabalak igortzera, eta, hori ezin badugu egin, prezioak apalduko dira, eta, gainera, kostu bat da prest diren aratxeak etxaldean atxikitzea», esplikatu du. Gipuzkoan, gutxienez 60 kasu Gipuzkoa da nabarmen gaitz horrek gogorren jo duen Euskal Herriko lurraldea. Garikoitz Nazabal Gipuzkoako EHNEko presidenteak dio herenegun bildu zela foru aldundia baserritarrekin, eta adierazi zien sintomaren bat zuten 60 kasu detektatu dituztela lurraldean; horietako 55, baserrietan. Hala ere, Nazabalek dio datu ofizialek ez dutela egoeraren errealitatea erakusten; izan ere, baserritar askok ez dituzte kasu batzuk notifikatzen, eta askotan ez dizkiete probak egin ere egiten. Dena den, larritasuna kendu dio egoerari, gizakiengan eraginik ez duela nabarmenduz. Aldundiaren jarrera kritikatu du Nazabalek: «Kasuak notifikatzeko eskatzen digu, baina haiek ez dute albaitari kostuak ordaintzeko inongo laguntzarik eskaini. Bakoitzak bere kontura kudeatu behar du egoera».
2023-9-21
https://www.berria.eus/albisteak/233037/gerrarik-ez-plataformek-gerraren-kontrako-sinadurak-bilduko-dituzte.htm
Gizartea
Gerrarik Ez plataformek gerraren kontrako sinadurak bilduko dituzte
Bakearen Aldeko Nazioarteko Egunean, «antimilitarismoarekin eta bizikidetza baketsuarekin» duten konpromisoa berretsi dute
Gerrarik Ez plataformek gerraren kontrako sinadurak bilduko dituzte. Bakearen Aldeko Nazioarteko Egunean, «antimilitarismoarekin eta bizikidetza baketsuarekin» duten konpromisoa berretsi dute
Bakearen Aldeko Nazioarteko Egunean, Gerrarik Ez plataformek eta horiek osatzen dituzten zenbait elkarte eta sindikatuk agiri bat plazaratu dute, «antimilitarismoarekin, bizikidetza baketsuarekin eta gatazkak konpontzeko elkarrizketaren bidearekin» duten konpromisoa berresteko. Halaber, iragarri dute datozen hilabeteetan kanpaina bat abiaraziko dutela, eta gerraren kontrako sinadurak bilduko dituztela. Kanpainaren helburua izango da hautetsi eta erakundeei zenbait eskaera egitea: gatazkan dauden herrialdeetara eta bereziki Ukrainara armak bidaltzearen kontra azaltzea, berehalako su etena eta elkarrizketa bidezko konponbidea sustatzea, gastu militarrak ez handitzea, eta diru horiek gizarte premiak asetzeko eta klima aldaketaren aurka borrokatzeko erabiltzea. Sinadurak biltzeaz gain, beste ekinbide batzuk ere antolatuko dituztela iragarri dute. Steilas sindikatuko Marije Etxebarriak eta Gerrarik Ez Arabako plataformako kide Alfonso Aranburuk irakurri dute agiria. Salatu dute Europa «gatazka armatu izugarri batean murgilduta» dagoela oraindik, eta jadanik 500.000 lagun baino gehiago hil direla horren ondorioz: «Kezka handiz ikusten dugu gobernu askok, Espainiakoa barne, gatazka areagotzearen, suspertzearen eta luzatzearen alde egiten dutela, Errusiaren eta NATOren arteko zuzeneko borroka militarrari bide emanez». Gerra gelditzeko deia Agiriaren sinatzaileen aburuz, irtenbide on bakarra «gerra gelditzea eta bizikidetzarako akordio zabala lortzea» da, «gatazkan dauden aldeei segurtasun bermeak emanda eta Europako Erdialdearen desnuklearizazioa eta desmilitarizazioa bultzatuz». Bestalde, salatu dute Ukrainako gerra, «gainerako gerra guztiak bezala», negozio bat dela, «non herriek hildakoak jartzen dituzten eta kapital handiak aberastasunak biltzen dituen», eta, gainera, gerra erabiltzen ari direla «lan eta gizarte eskubideak murrizteko, klima aldaketaren aurkako neurriak eragozteko eta balio militaristak eta matxistak hedatzeko». Kezka azaldu dute errefuxiatuek eta desertoreek pairatzen duten jazarpena dela eta, eta Europaren «migrazio politika arrazistak» salatu dituzte agirian.
2023-9-21
https://www.berria.eus/albisteak/233038/arabako-bizkaiko-eta-gipuzkoako-anbulantzietako-langileek-hiru-eguneko-greba-egingo-dute-urrian.htm
Gizartea
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako anbulantzietako langileek hiru eguneko greba egingo dute urrian
ELA, LSB-USO, LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek deitu dute grebara. Erosahalmenari eustea eta lan baldintzak Osakidetzako langileekin berdintzea exijituko dute.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako anbulantzietako langileek hiru eguneko greba egingo dute urrian. ELA, LSB-USO, LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek deitu dute grebara. Erosahalmenari eustea eta lan baldintzak Osakidetzako langileekin berdintzea exijituko dute.
Hiru eguneko greba egingo dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako anbulantzietako langileek. Hain zuzen, urriaren 9an, 10ean eta 11n izango dira lanuzteak, ELA, LSB-USO, LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek deituta. Erosahalmenari eustea eta lan baldintzak Osakidetzako langileen baldintzekin parekatzea eskatuko dute. Sindikatuek kritikatu dutenez, urte eta erdi baino gehiago daramate negoziatzen: hitzarmen autonomiko berria sinatzeko 25 bilera egin dituzte. Eta, denbora horretan, patronalak «etengabe blokeatu» du negoziazioa; sindikatuek aurkeztutako eskaerei erantzunik eman gabe. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzari eskatu diote lan gatazkan esku hartzeko, eta patronala bultzatzeko negoziazioak «edukiz hornitzera». Enpresen finantzaketa «%30» handitu da lehiaketa berrian, sindikatuek baieztatu dutenez. Hala ere, langileek «gehiago eta okerrago» egin behar dute lan hilabete amaierara heltzeko. Euren arabera, «bi urteetan soilik», %12 inguruko erosahalmena galdu dute. Beste mobilizazio batzuk Hiru eguneko grebara ez ezik, beste mobilizazio batzuetara ere deitu dute sindikatuek. Irailaren 29an kontzentrazioa egingo dute Bilbon, Lan Harremanen Kontseiluaren aurrean. Urriaren 5ean, berriz, Eusko Legebiltzarraren aurrean egingo dute protesta.
2023-9-21
https://www.berria.eus/albisteak/233039/bizkaiko-aldundiak-eta-galdakaoko-udalak-helegitea-jarri-diote-usansolo-herri-gisa-erregistratzearen-aurkako-erabakiari.htm
Politika
Bizkaiko Aldundiak eta Galdakaoko Udalak helegitea jarri diote Usansolo herri gisa erregistratzearen aurkako erabakiari
Madrilgo Auzitegi Nagusian aurkeztu dute errekurtsoa. Bizkaiko Batzar Nagusiek iaz hartutako erabakiari ezezkoa eman zion Toki Erakundeen Erregistroak, eta uko egin zion Usansolo udalerri gisa inskribatzeari.
Bizkaiko Aldundiak eta Galdakaoko Udalak helegitea jarri diote Usansolo herri gisa erregistratzearen aurkako erabakiari. Madrilgo Auzitegi Nagusian aurkeztu dute errekurtsoa. Bizkaiko Batzar Nagusiek iaz hartutako erabakiari ezezkoa eman zion Toki Erakundeen Erregistroak, eta uko egin zion Usansolo udalerri gisa inskribatzeari.
Bizkaiko Batzar Nagusiek Usansoloren (Bizkaia) desanexioari baiezkoa eman zioten iazko azaroan, baina, ekainean, Espainiako Gobernuak uko egin zion Usansolo herri gisa erregistratzeari. Bizkaiko Aldundiak eta Galdakaoko Udalak (Bizkaia) erabaki horren aurkako helegitea aurkeztu dute Madrilgo Auzitegi Nagusian. Administrazioarekiko auzi prozesuaren bidetik aurkeztu dute errekurtsoa, elkarrekin, eta epaitegiak tramiterako onartu du. 2022ko otsailean, Usansoloren desanexioa onartu zuten Galdakaoko Udaleko osoko bilkuran, eta, martxoan egindako galdeketa batean, Usansoloko herritarren %81ek aldeko botoa eman zuten. Azaroan, Usansolo herri gisa eratzea onartu zuten Bizkaiko Batzar Nagusiek. Erabaki hori oinarri hartuta, Toki Erakundeen Erregistroan inskribatzeko eskaera egin zuen Usansoloko Kudeaketa Batzordeak, prozesuari amaiera behin betiko emateko eta Usansolo udalerri gisa eratzeko. Baina erregistroak ezetz erantzun zion eskaerari, argudiatuta ez dituela betetzen Espainiako legediak jasotzen dituen betebeharrak; hau da, ez dituela gutxieneko 5.000 biztanleak.<br /> Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko bozeramaileak zehaztu du kautelazko neurri positibo bat hartzea eskatu dutela, Usansolo udalerri gisa inskriba dadin eskatuz. Galdakaoko Udalak, berriz, aditzera eman du herriak eratzeari buruzko araudia foruek zehazten dutela, eta haiek ezartzen dituzten pausoak «zehatz» bete direla Usansolo udalerri bihurtzeko azken urteotan egin den prozesu osoan. Bestetik, uste du «ariketa demokratiko soila» dela herritarrei hitza eman eta hitz hori errespetatzea, eta usansolotarrek argi adierazi dutela udalerri gisa eratu nahi dutela. Hortaz, iazko azaroan Bizkaiko Batzar Nagusiek hartutako erabakiari bide emateko eta Usansolo udalerrien erregistroan inskribatzeko eskatu du Galdakaoko Udalak. Helegitea aurkezteko argudio nagusia zera da: eratzen diren udalerri berriak inskribatzea dela Toki Erakundeen Erregistroaren eginbeharra, eta, beraz, haren zeregina ez dela dagozkion organoek, kasu honetan Batzar Nagusiek, hartutako erabakiak berrikustea. Usansoloko herritarren nahia bete dadin eta Usansolo Bizkaiko 113. udalerri gisa behin betiko eratu dadin lortzeko lanean jarraituko du Galdakaoko Udalak, oharrean azpimarratu duenez. Bide horretan, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Usansoloko Kudeaketa Batzordearekin batzartu zen uztailean, guztien interesen alde estrategiak koordinatuta aritzeko. Elkarlan horrek fruituak emango dituelakoan dago udala. Kudeaketa batzorde berria Bestalde, Bizkaiko Aldundiak Usansoloko kudeaketa batzorde berria izendatu du gaur. Batzorde hori hamaika kidek osatuko dute, zortzi Usansolo Herria Elkartekoak, bi EAJkoak, eta bat EH Bildukoa. Kudeaketa batzordea eratzeko bilkura urriaren 5ean egingo da, Usansoloko Txapelena baserrian, eta bertan hautatuko da lehendakaria.
2023-9-21
https://www.berria.eus/albisteak/233040/araudia-aldatuta-espainiako-kongresuan-euskaraz-egin-ahal-izanen-da-aurrerantzean.htm
Gizartea
Araudia aldatuta, Espainiako Kongresuan euskaraz egin ahal izanen da aurrerantzean
EH Bilduk euskararen zonifikazioa bertan behera uzteko eskatu dio PSNri Madrilen, eta EAJren zuzenketa onartu dute, itzulpenek balio juridikoa izan dezaten.
Araudia aldatuta, Espainiako Kongresuan euskaraz egin ahal izanen da aurrerantzean. EH Bilduk euskararen zonifikazioa bertan behera uzteko eskatu dio PSNri Madrilen, eta EAJren zuzenketa onartu dute, itzulpenek balio juridikoa izan dezaten.
Hasiak ziren euskaraz, katalanez eta galizieraz solastatzen, baina hemendik aurrera berme juridiko handiagoarekin eginen dute. Gaur aldatu dute Madrilgo Diputatuen Kongresuko araudia, han hizkuntza gutxituetan mintzatu ahal izateko. 180 diputaturen baiezko botoekin atera da aurrera moldaketa; gainerako 170 diputatuek kontrako botoa eman dute. Alderdi abertzaleak kontent agertu dira aldaketarekin, eta «historikotzat» jo dute haietako askok. PPk abertzaleen nahien arabera aritzea leporatu dio PSOEri, eta Borja Senperrek gaur ez du euskaraz hitz egin. Araudia ez ezik, EAJk aurkeztutako zuzenketa ere onartu dute. Itzulpenek balio juridikoa izan dezaten eskatu dute jeltzaleek, Espainiako Kongresuan onartzen diren lege ekinaldiak gaztelaniaz bestelako hizkuntzetan argitaratu daitezen. «Eskatzen dugu ahal bezain laster Mahaiak beharrezko akordioak egin ditzala ganberak behin betiko onartutako lege ekinaldiak argitaratuak izan daitezen Kongresuko aldizkari ofizialean, benetako izaera ofizialarekin», esan du Joseba Agirretxea EAJko diputatuak. Modu horretan legeak «indarra» eta «balio juridikoa» izanen dituela uste du jeltzaleak. PPko diputatuek ez dituzte paratu aurikularrak Agirretxearen euskarazko hitzak ulertzeko. Gaurko saioan ere hizkuntza gutxituen aldeko aldarriak aditu dira Kongresuan. Bel Pozueta Nafarroaz aritu da EH Bilduren hitzaldian: zonifikazioa bertan behera uzteko eskatu die PSOEri eta PSNri. «Nafarroan politika publikoak egin dira euskararen kontra, eta UPNk eta PSNk bat egin dute euskararen kontrako politika horietan». Santos Cerdan (PSN), Alberto Catalan (UPN), Sergio Sayas eta Carlos Garcia Adanero (PP) diputatuei gogorarazi die euskara «lingua navarrorum» dela. Bestalde, kontent agertu da araudiaren moldaketarekin, euskarak beste eremu bat hartzea hizkuntzaren aldeko urratsa delakoan. PSOEren jarrera katalanez defendatu du Marc Lamua diputatuak, eta hizkuntzak «elkargune» direla aldarrikatu: «Araudian esplizituki jasota ez dauden aferak jada ezin izanen dira erabili hemiziklo hau aurrez aurre jartzeko eta banatzeko». Adierazi du PSC dela katalana «batasunerako» hizkuntza izatea bultzatu duen alderdia, eta aniztasunaren defendatzailetzat jo du bere alderdia: «Beste hizkuntzak maitatuz eta errespetatuz defendatzen da ama hizkuntza». Esan duenez, «ezin zuten onartu» hizkuntzak «zarata» eta «gatazka» egiteko erabiltzea: «Hizkuntza aniztasunak ez du banatzen; hizkuntza aniztasunak aberasten gaitu, beti». Bestalde, PPri kontraesanetan erortzea leporatu dio, Galizian lanpostu publikoetan galiziera eskatzen duelako, eta Balear Uharteetan, berriz, katalana «ahal duen leku guzietatik» ezabatu. Senperrek euskara baztertu du Araudia moldatzearen aurka agertu da PP, eta Borja Senperrek defendatu du bere alderdiaren jarrera. Gaur, herenegun ez bezala, ez du euskaraz egin. Errealitatea «faltsutzea» leporatu dio PSOEri, haren argumentuak «antzezpen hutsa» direlakoan. Aldaketa «legez kanpokoa» dela esan du, eta erabakia haiek gabe hartzea txarretsi, «halako garrantzia duen» aldaketa batek «diputatu gehien d uen alderdiaren» onespena beharko lukeelakoan. Senperrek esan du gaztelania dela «hizkuntza komuna», eta «arazotzat» jo du hori ukatzea. Kataluniako preso politikoen amnistiaz mintzatu da Senper, eta jarrera aldatzeko eskatu die PSOEko diputatuei: «Xenda honetatik jarraitu aurretik, hausnartu ezazue». Izan ere, PPko diputatuak uste du araudia aldatuta alderdi independentisten eskariei «men» egin diela Pedro Sanchezek; are, iragarri du gehiagotan eginen duela. «Non dago muga?», galdetu du. PPk hiru zuzenketa aurkeztu dizkio legeari, baina Kongresuko gehiengoak atzera bota ditu hirurak. Voxek osoko zuzenketa aurkeztu du, baina gainerako alderdiek ez dute babestu. Kataluniako alderdiek begi onez ikusi dute moldaketa, baina zuhurtziaz mintzatu dira. «Diskriminatu gintuzten horiek berak dira orain hizkuntza koofizialen defendatzaile agertzen direnak, hemen eta Europan», esan du Pilar Calvo JxCko diputatuak, PSOEri erreferentzia eginez. Bere alderdiari loreak botatzeko ere profitatu du: «Argi dago ekuazioan Junts falta zela». «Erreformaren aldeko eta kontrako blokeetatik» at paratu du bere burua: «Baina katalanera ez diskriminatzeko gakoa gara beti». ERCko Montserrat Bassak esan du «kontent» dagoela bere hizkuntzan hitz egin dezakeelako, eta «historikotzat» jo du erabakia, Europan hizkuntza ofiziala izateko bidean «beharrezko urratsa» delakoan. Gainera, uste du neurri horrek Herrialde Katalanen existentzia ikusaraziko duela. «Gure hizkuntzan aritzeko eskatuta, ez gara Espainiako Estatua erreformatzera etorri; gure behin betiko independentzia ailegatzen ez den bitartean, ERCk gure eskubideen alde borrokatzen jarraituko du». Aragoieraz ere bai Euskara, galiziera eta katalana ez ezik, aragoiera ere aditu da gaur goizeko saioan. Jorge Pueyo Chunta Aragonesista alderdiko diputatuak hitza hartu du Voxeko Maria Jose Rodriguezi erantzuteko, jasandako hizkuntza jazarpenarengatik trufa egin baitio eskuin muturreko diputatuak. «Errepresio linguistikoa jasan dugu, hori egia da», esan dio, irmo, Pueyok, eta gogorarazi dio berak ezin izan zuela aragoieraz ikasi: «Afera ez da ongi hitz egitea, errespetuz hitz egitea baizik, eta jende horrek [Voxekoak] ez du errespeturik. Jende horrek beti zentsuratu gaitu eta beti jazarri zaigu. Nik ezin izan nuen nire hizkuntzan ikasi, eta aragoiarrek ez dituzte hizkuntza eskubide guziak». Hizkuntza guziak errespetatzeko eskatu du Pueyok.
2023-9-21
https://www.berria.eus/albisteak/233041/langile-guztiek-bat-egin-dute-mecanerreko-grebarekin.htm
Ekonomia
Langile guztiek bat egin dute Mecanerreko grebarekin
Stellantis taldeak Urdulizko (Bizkaia) planta itxi eta 148 langile kaleratu nahi ditu. Sindikatuen arabera, lantegian etenda dago ekoizpena, eta ez da fabrikako langilerik ekoizpen lerroetan.
Langile guztiek bat egin dute Mecanerreko grebarekin. Stellantis taldeak Urdulizko (Bizkaia) planta itxi eta 148 langile kaleratu nahi ditu. Sindikatuen arabera, lantegian etenda dago ekoizpena, eta ez da fabrikako langilerik ekoizpen lerroetan.
Joan den astean iragarri zuten moduan, Urdulizko Mecaner lantegiko langileek greba egin dute gaur, eta, sindikatuen arabera, erabateko jarraipena izan du deialdiak, ekoizpen lerroetan ez baitago langilerik, eta enpresaren zuzendaritzako kide batzuk eta bulegoetako langile batzuk sartu dira soilik. Goizean piketeak egin dituzte lantegiaren atarian, eta 11:00etan manifestazio bat egin dute grebalariek. Irailaren lehenean, Stellantis multinazionalak planta guztiz itxi eta 148 langile kaleratzeko asmoa iragarri zuen, eta horregatik jo dute grebara langileek. Antza denez, Stellantisek enpresa batzordeari —ESK, LAB, ELA eta CCOO— adierazi dio ez duela langileen ordezkariekin biltzeko asmorik sei hilabete igaro arte. Enpresaren zuzendaritzak lantegiaren bideragarritasunik eza jarri du itxieraren motibo gisa, baina sindikatuek gezurtatu egin dute bideragarritasun falta hori, eta «aitzakia» dela esan dute. Ekoizpenean 144 langilek egiten dute lan, eta planta garbitzeko azpikontratatuta dauden lau langileak ere kontuan hartu ditu enpresa batzordeak kaleratzeen zenbaketan. Gauzek berdin jarraituz gero, urriaren 7an manifestazioa egingo dute Urdulizen bertan. - Laster informazio gehiago -
2023-9-21
https://www.berria.eus/albisteak/233042/poloniak-iragarri-du-ez-dizkiola-arma-gehiago-bidaliko-ukrainari.htm
Mundua
Poloniak iragarri du ez dizkiola arma gehiago bidaliko Ukrainari
Lehen ministro Mateusz Morawieckiren arabera, Poloniako armada indartzeko hartu dute erabakia. Edonola ere, azken egunotan nabarmen tenkatu da bi aldeen arteko harremana, Ukrainako zerealak inportatzeko debekuaren harira.
Poloniak iragarri du ez dizkiola arma gehiago bidaliko Ukrainari. Lehen ministro Mateusz Morawieckiren arabera, Poloniako armada indartzeko hartu dute erabakia. Edonola ere, azken egunotan nabarmen tenkatu da bi aldeen arteko harremana, Ukrainako zerealak inportatzeko debekuaren harira.
Poloniako lehen ministro Mateusz Morawieckik atzo iragarri zuen ez dizkiotela arma gehiago bidaliko Ukrainiari. Gobernuak argitu du aurretik adostutako armamentu guztia bidaliko duela, baina orain herrialdeko armada indartzea lehenetsiko duela. Edonola ere, azken egunotan Ukrainako zerealen inportazioen harira izandako talken ondoren iritsi da erabakia, eta baliteke horrek ere zerikusirik izatea. Joan den maiatzetik, Ukrainako zerealak inportatzea debekatuta egon da Europa ekialdeko zenbait herrialdetan; zehazki, Hungarian, Polonian, Bulgarian, Errumanian eta Eslovakian. Horien arabera, tokiko merkatuak «aldrebesten» zituzten Ukrainako zerealen prezioek, eta, batez ere, kalte egiten zieten hango nekazariei. Horregatik adostu zuten bost estatuek debekua EB Europako Batasunarekin, baina iragan ostiralean iraungi zen, eta ez luzatzea erabaki zuen EBk, iritzita zerealen prezioek jada ez zietela kalterik egiten herrialde horietako merkatuei. Poloniak, Eslovakiak eta Hungariak, ordea, berehala adierazi zuten ez zeudela ados, eta iragarri zuten urte amaierara arte eutsiko diotela debekuari. Erabakiari berehala erantzun zion Kievek. Hiru estatuen aurkako salaketa aurkeztu zuen MME Munduko Merkataritza Erakundean. Pauso bat harago eman zuen Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik herenegun, NBE Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusian, zeina igandera arte egingo baita, New Yorken. Poloniari, Eslovakiari eta Hungariari mintzatu zitzaien, eta zera esan zien: «Kezkagarria da ikustea nola gure Europako lagun batzuek elkartasunez jokatzen duten maila politikoan, baina nola egiten duten thriller bat zerealaren kontuarekin. Irudi dezake beren antzerki propioaren jabe direla, baina, egiaz, antzezlekua prestatzen ari dira Moskurentzat». Hitz horiek Poloniako lehen ministroaren haserrea hauspotu zuten: «Gatazka areagotu nahi badute, produktu gehiago gehituko dizkiogu inportazioen debekuari. Ukrainako agintariek ez dute ulertzen zenbateraino ezegonkortu den Poloniako nekazaritza sektorea. Poloniako nekazariak babesten ari gara». Herrialdeko nekazariak babestea argudiatuta aurkeztu du Poloniak Ukrainako zerealen inportazioaren debekua luzatzeko asmoa. Baina haiek ez dira Morawiecki buru duen gobernuak babestu nahi dituen bakarrak. Urriaren 15ean egingo dituzte parlamenturako bozak han, eta, hain justu, nekazariek osatzen dute orain agintean dagoen alderdiaren —Legea eta Justizia eskuindarra— boto emaileen zati handi bat. Bi bide konponbiderako 2022ko otsailean gerra hasi zenetik, Ukrainaren aliatu handienetako bat izan da Polonia. Ekipamendu militarrarekin hornitzeaz gain, urte eta erdian milioi bat errefuxiatu ingururi aitortu die asiloa. «Lehenak izan ginen Ukrainari laguntza eskaintzen, eta horregatik espero dugu orain haiek gure interesak zein diren ulertzea», esan du gaur Morawieckik. Bataren eta bestearen azken ekintzek, ordea, kolokan jarri dute harremana. Eta, Poloniako Atzerri Ministerioaren esanetan, MMEn salaketa aurkeztea ez da bi herrialdeen arteko desadostasunak konpontzeko «metodo egokia». Gaur-gaurkoz, Poloniak nahiago du afera eztabaidaren bidetik konpondu. AFP berri agentziak jakinarazi duenez, auziaren inguruan hitz egin dute gaur bi estatuetako Nekazaritza ministroek. «Argi utzi diot [Ukrainako Nekazaritza ministroari] MMEn Poloniaren aurka aurkeztutako salaketak kalte besterik ez diola egingo gure harremanari. Salaketa hori bertan behera utzi behar dute, berehala», esan du Poloniako Nekazaritza ministro Robert Telusek. Bien bitartean, EBk berretsi du erakundearen «babes osoa» duela Ukrainak; eta hala izango dela aurrerantzean ere, «baita militarki ere». Zerealen inportazioen debekuaren inguruan, Europako Batzordeak abisua eman die Hungariari, Poloniari eta Eslovakiari. Gogorarazi die «EBk soilik» duela eremuko merkatuaren gaineko eskumena, eta posible dela klubak hiru estatuen aurkako arau-hauste prozedurak abian jartzea. Edonola ere, baliteke delako zigor horretatik salbu egotea Eslovakia, zerealen inportazioen debekua desblokeatzeko akordio batera iritsi baitira gaur hango eta Ukrainako Nekazaritza ministroak. Trukean, Kievek MMEn bere aurka jarritako salaketa kendu dezala eskatu du Bratislavak.
2023-9-21
https://www.berria.eus/albisteak/233043/eak-laquobukatutzatraquo-jo-ditu-alderdiko-estatutu-aldaketaren-kontrako-prozesu-judizialak.htm
Politika
EAk «bukatutzat» jo ditu alderdiko estatutu aldaketaren kontrako prozesu judizialak
Maiorga Ramirezen eta ildo kritikoko beste lau militanteren afiliazioa eten izanaren kontra egin du Arabako Probintzia Auzitegiak.
EAk «bukatutzat» jo ditu alderdiko estatutu aldaketaren kontrako prozesu judizialak. Maiorga Ramirezen eta ildo kritikoko beste lau militanteren afiliazioa eten izanaren kontra egin du Arabako Probintzia Auzitegiak.
Eusko Alkartasuneko zuzendaritzak jakinarazi duenez, Gasteizko epaitegiak eta Arabako Probintzia Auzitegiak uko egin diote kritikoek XIII. Biltzar Nazionalaren kontra jarritako helegiteari zein iazko azaroan egindako ezohiko kongresuan hartutako erabakiak behin-behinean etetea eskatzen zionari. Hala, «bukatutzat» jo dute alderdiko ildo kritikoko kideek estatutu aldaketaren eta idazkari nagusiaren hautaketaren kontra hasitako ekinbide judiziala. Kritikoek, berriz, beste epai batean egin dute indar: Arabako Probintzia Auzitegiak berretsi du ildo hartako bost kideren militantzia ez zela legez eten. EAk iazko otsailaren 19an eta 20an egin zuen alderdiaren XIII. Biltzar Nazionala. Batzar hartan, alderdiko estatutuak aldatu zituzten, idazkari nagusia hautatzeko prozesutik primarioak ezabatuta. Jarraian, aldaketa baliatuz, Eba Blanco hautatu zuten alderdiko idazkari nagusi kargurako. Erabaki horiek berresteko ezohiko kongresu bat ere egin zuen alderdiak, prozesu judizial bat abiatu baitzen ildo kritikoko kideek erabaki horien kontra jarritako salaketak zirela medio. Halere, epaitegiek EAko zuzendaritzaren alde ebatzi dute auzi horretan. Martxoan, Gasteizko Lehen Instantziako Seigarren Epaitegiak kritikoen aurka ebatzi zuen, argudiatuta ez zela urratu afiliatuen parte hartzeko eskubidea otsaileko biltzarrean; kritikoek salatu zuten bozketa telematikoaren erabilera ez zegoela jasota estatutuetan. Epai hari helegitea ere aurkeztu zioten haiek, baina epaimahaiak ez zuen tramiterako onartu, berandu aurkezteagatik. Hori uztailean izan zen. Orain, berriz, Arabako Probintzia Auzitegiko Lehen Epaitegiak uko egin dio iazko azaroko ezohiko kongresuan hartutako erabakiak behin-behinean eteteari. Batzar Nazionalaren urriaren 21eko bilkuran hartutako neurrien kontra egin zuten kritikoek, hain zuzen ezohiko kongresu hartarako deia egin zen bileran hartutakoen kontra, eta haren ondorio ziren ekinaldiak behin-behinean eteteko eskatu zuten; nagusiki, azaroaren 19an eta 20an egindako ezohiko kongresua. Epaimahaiak, ordea, ebatzi zuen halako erabaki batek EAren funtzionamendua oztopatuko lukeela. Kritikoen afiliazioa Era berean, iazko otsailean ildo kritikoko bost militanteri afiliazioa eten izanaren kontra ebatzi du Arabako Probintzia Auzitegiak, beste epai batean, eta Gasteizko epaitegiak martxoan ebatzitakoarekin bat egin du. Alderdiak Maiorga Ramirez ildo kritikoko burua, Iratxe Lopez de Aberasturi Arabako koordinatzaile ohia, Mikel Goenaga Gipuzkoako koordinatzaile ohia, Miren Aranoa Nafarroako koordinatzaile ohia eta Esther Korres Iruñeko koordinatzaile ohia kanporatu zituen lau urterako, argudiatuta frogatuta geratu zela «Eskubide, Betebehar eta Diziplina Araudian arau hauste larri eta oso larriak egin dituztela». Ramirezen esanetan, bera eta beste lau kideak «baldarki kaleratuak» izan zirela azaltzen du azken ebazpenak. Ohar bidez, kritikoek gaineratu dute «irregulartasunez betetako» kaleratze prozesuak EAko 2019ko primarioak errepikatzearen aldeko ebazpena iritsi ostean hasi zirela, eta «parte hartze politikoa galaraztea» eta «arerio politikoak kanporatzea» izan dituela xede, primarioak berriz egitea ekiditeko helburuarekin. Era berean, Blancori leporatu diote «desinformatzen» saiatzea, ardurak bere gain hartu beharrean: «Aurrerantz ihesean jarraitzen du, afiliazioaren parte hartzea galaraziz, hala EA EH Bildu koalizioaren barruan desegiten jarraitzeko». Koalizio subiranistari, berriz, «ezinbesteko konplize» izatea egotzi diote, maiatzeko udal eta foru bozetan ildo kritikoari espaziorik ez ematearen alde egiteagatik. Kontrara, EAko zuzendaritzak adierazi du, lehen epaiak egin bezala, bigarren honek ere «forma akatsak» aipatzen dituela kaleratzeen kontra egiteko, eta ez dituela zalantzan jartzen «diziplina espedienteetan egotzitako gertakari larriak». EAren barne gatazkak 2017ko ohiko kongresua du oinarri. Hartan, bi ildo agertu ziren, besteak beste EH Bildu barruan izan beharreko rolaren inguruko desadostasunak zirela medio. 2019an, auzia judizializatu egin zen. Blanco eta Ramirez aurkeztu ziren idazkari nagusi izateko, baina bigarrenaren hautagaitza baliogabetu zuen Hauteskunde Antolaketako Batzordeak. Blanco izendatu zuten idazkari nagusi, baina ildo kritikoak auzitara jo zuen, Ramirezen eskubide politikoak urratu zirelakoan. Norabide ugariko prozesu baten hasiera izan zen hura; ordutik, zuzendaritzak hartutako erabaki ugari ezbaian jarri baitituzte kritikoek. Era berean, argitu gabe geratzen diren auzietako bat da. Izan ere, auzi hartan, Arabako Probintzia Auzitegiak arrazoia eman zien kritikoei, eta primario haiek errepikatzeko beharra azaldu zuen. Halere, afera Espainiako Auzitegi Gorenaren esku dago orain, EAk jarritako helegitea tarteko. Gainera, testuingurua aldatu egin da, egun EAren estatutuek ez baitituzte primarioak jasotzen idazkari nagusia hautatzeko metodo gisa.
2023-9-21
https://www.berria.eus/albisteak/233044/oposizioak-jaurlaritzari-egotzi-dio-osakidetza-pribatizatzea-itxaron-zerrendak-laburtzeko-asmotan.htm
Gizartea
Oposizioak Jaurlaritzari egotzi dio Osakidetza pribatizatzea itxaron zerrendak laburtzeko asmotan
EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek «osasun profesionalen gabeziari» buruzko zuzenketa bat aurkeztu dute Eusko Legebiltzarrean, baina EAJren eta PSEren gehiengoak bere idatzia onartu du, Osasun Sailari eskatzeko martxan dauden «LEPak burutzeko». Gaur jakin da Osakidetzak alor pribatura bideratuko dituela ebakuntza sorta batzuk, itxaron zerrendei aurre egiteko.
Oposizioak Jaurlaritzari egotzi dio Osakidetza pribatizatzea itxaron zerrendak laburtzeko asmotan. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek «osasun profesionalen gabeziari» buruzko zuzenketa bat aurkeztu dute Eusko Legebiltzarrean, baina EAJren eta PSEren gehiengoak bere idatzia onartu du, Osasun Sailari eskatzeko martxan dauden «LEPak burutzeko». Gaur jakin da Osakidetzak alor pribatura bideratuko dituela ebakuntza sorta batzuk, itxaron zerrendei aurre egiteko.
Osakidetzaren gainbehera hizpide izan da berriro Eusko Legebiltzarrean, EH Bilduk idatzi bat eraman baitu ganberara kontratazio politikan aldaketak bultzatzeko, «osasun profesionalen gabeziari» aurre egiteko. Gaur jakinarazi dute Osakidetzak itxarote zerrendan dauden ebakuntza sortak sektore pribatura eramateko plana duela, eta Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak garbi esan du Jaurlaritzak «pribatizazioa hautatu» duela zerrenda horiei aurre egiteko, baina ohartarazi du «estalki bat besterik ez» dela hori. Koalizioko kideak exijitu die EAJri eta PSEri «gobernatzeko», profesionalak «erakartzeko», eta, beste herrialdeetan egiten ari diren bezala, «lehiatzeko», profesionalak Osakidetzatik joan ez daitezen eta, aitzitik, Euskal Herrira etor daitezen, «lan baldintza onek erakarrita». Halaber, Uberak ukatu egin du martxan dauden LEPen bidez Osakidetzako lantaldea handituko dela. 11.000 lanpostu egonkortuko dira horien bidez, baina azaldu du osasun zerbitzua «gutxienekoetan» dagoela, «lanpostuak gutxitzen» ari direla, eta pertsonalaren kontratazio politika «berraztertu» egin behar duela gobernuak, «goitik behera». Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk kirurgian dagoen itxaron zerrenda arintzeko konpromisoa hartu zuen joan den astean, Politika Orokorreko osoko bilkuran, eta azken orduetan jakin da ebakuntza gehiago egingo direla arratsaldez, eta ebakuntza asko ospitale pribatuetara bideratuko direla. Pandemia iritsi baino lehen, 2019an, 49 egunekoa zen ebakuntza bat egiteko batez besteko itxaronaldia; gaur egun, 68koa da, eta Jaurlaritza osatzen duten alderdi biek, EAJk eta PSE-EEk, badakite osasunaren gaia garrantzi handikoa izan daitekeela Legebiltzarrerako hauteskundeetan, hilabete gutxi barru. Oftalmologiaren eta protesien alorretan, ESIei eskatua zaie baloratzeko zenbat ebakuntza bideratu daitezkeen sektore pribatura, zenbait informazioren arabera. Osasun sailburu Gotzone Sagarduik berretsi du sektore pribatuaren aukera, edonola ere. Esplikatu du iazko urritik ari direla antolakuntza alorreko neurriak hartzen, eta Osakidetzako ebakuntza gehiago sektore pribatuan egingo direla aurrerantzean. ESIek ospitale pribatuetara jotzeko aukera izango dute, Sagarduik esan duenez, «dauden baldintzak kontuan hartuz egoki ikusten dutenean». Iritzi publikoan eragin EAJko parlamentari Jon Aiarzaklegebiltzarrean esan du «errealitatea» ez zaiela interesatzen Uberari eta EH Bilduri, eta azaldu du Osakidetzak «inoiz baino inbertsio handiagoa» egiten duela orain. Lehen arretan profesional gabezia dagoela onartu du, eta hezkuntza alorrarekin lotu du arazo hori. Esplikatu du ikasketak bukatzean «neurrirako kontratuak» eskaintzen zaizkiela hasiberriei, «luzera begirakoak», eta ez dela mediku lanpostu bakar bat ere kendu alor horretan. «Ez da egoera hori ezkutatzen», esan du, eta EH Bilduri eta Elkarrekin Podemosi leporatu die Osakidetzarekin iritzi publikoan eragin nahi dutela, «dena nahasita». Errealitatearen berri izan nahi badu «osasun zentroetara» joateko erantzun dio koalizioko legebiltzarkide Uberak. Osakidetza «deskapitalizatzen» ari dira, haren ustez. Ukatu egin du lehen arretarena «arazo bakarra» dela Osakidetzan. Erantsi du ezin dela profesionalik erakarri «2009ko lan hitzarmena eskainita». Finean, haren arabera, gobernuak «Osakidetza indartzearen ala pribatizazioa handitzearen» artean hautatu behar du, eta gobernua bigarrenaren alde egiteko prest dagoela aurreikusi zuen. PSEko kide Ekain Ricok ere du profesionalak erakartzeko arazoak daudela, baina osasunaren auziarekin oposizioak helburu bat duela salatu du: «Jaurlaritzak Osakidetzako arazoak ez konpontzeko borondate politiko bat duelako ideia gizarteratzea». Gobernuak ez du esaten «dena ondo» dagoela, Ricok azaldu duenez, baina gogoratu du osasun publikoko arazoak orokorrak direla Espainiako beste erkidegoetan. «Gezurra da ez garela ezer egiten ari». Haserre olatu bat Elkarrekin Podemoseko parlamentari Jon Hernandezek esan du «profesionalekin» hitz egin behar dela auzia bideratzeko, «eta haiek ordezkatzen dituztenekin: sindikatuekin». Hernandezek uste du «kezka sozial handia» dagoela osasunari lotuta, eta horri erantzuteko ezin dela proposatu «%50 inguruko behin-behinekotasun tasara itzultzea». 2019an, langileen erdiek ez zuten lanpostu finkorik, eta martxan diren LEParen helburua arazo horri aurre egitea dela esplikatu du, «ez lantaldea handitzea». Horregatik, abisu argia eman die gobernua osatzen duten alderdiei: «Haserre olatuak aurrean eramango zaituzte». EPko kideak erantsi du kontratazio politika «erabat» aldatu behar dela Osakidetzan.
2023-9-21
https://www.berria.eus/albisteak/233045/merkatariek-eta-ostalariek-euskarazko-oinarrizko-hiztegia-ikasteko-aplikazioa-sortu-dute.htm
Gizartea
Merkatariek eta ostalariek euskarazko oinarrizko hiztegia ikasteko aplikazioa sortu dute
Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak Erraza Da aplikazioa abiarazi dute. «Lehen urratsak erraz egiteko beste aukera bat» eskaintzea du xede.
Merkatariek eta ostalariek euskarazko oinarrizko hiztegia ikasteko aplikazioa sortu dute. Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak Erraza Da aplikazioa abiarazi dute. «Lehen urratsak erraz egiteko beste aukera bat» eskaintzea du xede.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Donostiako Udalak Erraza Da aplikazioa jarri dute martxan, merkatariek eta ostalariek aukera izan dezaten euskarazko oinarrizko hiztegia ikasteko. Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak aurkeztu du proiektua gaur, eta esan du aplikazioaren helburua dela «lehen urratsak erraz egiteko beste aukera bat eskura jartzea». Era berean, «lurralde honetara lanera eta bizitzera datozen herritarrei» euskara hurbiltzen laguntzea ere badu xede. Donostiako Udalak 2019an sortu zuen egitasmoa; euskarri fisikoekin hasi ziren. «Hiztegi txiki batetik abiatu ginen, eta, ondoren, webgunea sortu genuen, jende gehiagorengana iristeko», zehaztu du Jon Insausti Donostiako Udaleko euskara zinegotziak. Orain, Eusko Jaurlaritzak bat egin du proiektuarekin, eta aplikazioa sortu dute, egitasmoa Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara zabaltzeko. Bi hiztegi jasotzen ditu Erraza Da aplikazioak: bata «orokorra» eta bestea «ostalaritzakoa». Eduki guztiak HABEk gainbegiratu ditu. Dobaranek adierazi duenez, aurrerantzean, ostalaritzako langileei ez ezik, beste sektore batzuetako langileei ere zabaldu nahi diete aplikazioa.
2023-9-21
https://www.berria.eus/albisteak/233046/hegoaldeko-esportazioek-behera-egiten-jarraitzen-dute.htm
Ekonomia
Hegoaldeko esportazioek behera egiten jarraitzen dute
Ekainetik uztailera %17 murriztu dira esportazioak Hego Euskal Herrian, laugarren hilabetez segidan. Energiaren eskaria txikitzeak bultzatu du batez ere merkataritzaren beherakada.
Hegoaldeko esportazioek behera egiten jarraitzen dute. Ekainetik uztailera %17 murriztu dira esportazioak Hego Euskal Herrian, laugarren hilabetez segidan. Energiaren eskaria txikitzeak bultzatu du batez ere merkataritzaren beherakada.
Europako ekonomia nagusien geldoaldia nabari da Hego Euskal Herriko kanpo merkataritzan, uztailean behera egin baitzuten bai esportazioek eta bai inportazioek. Laugarren hilabetez jarraian egin dute behera adierazle horiek. Guztira, uztailean 3.185 milioi euroren salmentak egin dituzte Hego Euskal Herriko enpresek, eta erosketak, berriz, 2.759 milioi eurokoak izan dira. Hala, esportazioek %17 egin dute behera ekaineko datuekin alderatuta, eta inportazioek, berriz, %19. Eustatek eta Nastatek emandako datuak dira. Inflazio handiari aurre egiteko neurri nagusiak, interes tasen igoerak, asko zaildu du kreditua lortzea, eta enpresa asko gutxiago inbertitzen eta gutxiago erosten ari dira; horregatik motelaldia. Emaitzak lurraldeka Alde handiz, Araba da oraindik portaera onena duen lurraldea. Izan ere, 2022ko uztaileko datuekin alderatuta, esportazioak eta inportazioak handitu dituen herrialde bakarra da. Iazko uztailetik %17,7 handitu dituzte esportazioak, eta %16,7 inportazioak. Nafarroan ere gora egin dute adierazle biek urte artean. Esportazioak %6,4 handitu dira, eta inportazioak, berriz, ia %5. Gipuzkoan, kanpo salmentek %6,5 egin dute behera, eta erosketek, berriz, %17,6. Bizkaiak izan du, nabarmen, motelaldi handiena iazko datuekin alderatuta, esportazioak ia laurden bat murriztu baitira (-%22,6), eta inportazioak are gehiago, %28,8 gutxitu baitira. Hori, baina, ulergarria da jakinda zein den Bizkaiak gehien inportatzen duen lehengaia. Izan ere, petrolioa eta gas naturala jasotzen ditu Bilboko portuak, eta Europako ekonomiaren geldoaldiak energiaren eskaria apaldu du. Energiaren datuak zehatzago ikusita, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ia %80 murriztu dira iazko uztailetik energia produktuen esportazioak; beraz, kanpo erosketek ere nabarmen egin dute behera, iazko uztailean baino %43,1 gutxiago erosi baitira energia produktuak. Gainontzeko produktuetan, adibidez, EAEko esportazioek gora egin dute 2022ko uztailarekin alderatuta.
2023-9-21
https://www.berria.eus/albisteak/233047/lau-gune-eta-hiru-azpigune-urriaren-1ean-kilometroak-ospatzeko.htm
Gizartea
Lau gune eta hiru azpigune urriaren 1ean Kilometroak ospatzeko
Willis Drummond, Gozategi, Dupla, Goazen!, Andoni Ollokiegi eta Janus Lester ariko dira, besteak beste.
Lau gune eta hiru azpigune urriaren 1ean Kilometroak ospatzeko. Willis Drummond, Gozategi, Dupla, Goazen!, Andoni Ollokiegi eta Janus Lester ariko dira, besteak beste.
Dena prest dute Errenterian (Gipuzkoa) urriaren 1ean Kilometroak jaia ospatzeko. Erriola lelopean hamaika ekitaldi antolatu dituzte urtarriletik hona, eta urtea borobilduko dute Orereta ikastolaren aldeko bestan. Lau gune nagusi atondu dituzte egitarau zabala eskaintzeko, baina, horretaz gainera, hiru azpigune ere izanen dira, jendea sakabanatu ahal izateko. Galletera gunean Willis Drummond eta Dupla ariko dira, besteak beste; Lino gunean, Gozategi, eta Esti eta Mikel Markez; Esmalterian, Janus Lester, aurtengo Kilometroen kantua egin duen taldea; Alhondigan Andoni Ollokiegi izanen da; eta Errioan, Goazen. Orereta ikastolak 60 urte bete ditu aurten, eta hari dagokio Kilometroak antolatzea. «Euskara eta euskal kultura, eskertza eta komunitatea izan ditugu zutabe urtarriletik hona antolatu ditugun egitasmo guztietan», esan dute gaurko aurkezpenean. Besta 10:00etan abiatuko da, ekitaldi instituzionalarekin. Lekuonako zubian ongietorria eginen diete agintariei, eta, Zumarditik eta Linotik pasata, Zamalbide gunean bukatuko da ekitaldia. Gainerako ekitaldiak 11:00etatik aurrera izanen dira. Lino gunea Agirre Lehendakariaren plazan egonen da; Esmalteria, Koldo Mitxelena plazan; Galletera, Gernika plazan; eta Errioa, Iztieta pasealekuan. Guneen artean animazioa izanen dela esan dute, eta «galdu ezinezko» hiru azpigune ere prestatu dituzte: Zamalbide, Alhondiga eta Haurren Errioa. Errenteriara iristeko Kilometroak egunera garraio publikoan joateko gomendioa egin dute antolatzaileek, Euskotren, Lurraldebus edo Renfe erabilita. Hala ere, autoz joaten direnek bi aparkaleku izanen dituzte: Pasaiako Portuan bat, eta Txirrita-Maleo industrialdean bestea. Ohiko edari eta janari eskaintzarekin batera, eserita menua bazkaltzeko aukera ere eskainiko dute, 13 euroan –haurrentzat, 6 euroan–. Bazkarirako txartelak aldez aurretik erosi behar dira, kilometroak.eus webgunean.
2023-9-21
https://www.berria.eus/albisteak/233048/guggenheim-urdaibai-stop-ekojaia-egingo-dute-larunbatean-ibarrangelun.htm
Kultura
Guggenheim Urdaibai Stop Ekojaia egingo dute larunbatean Ibarrangelun
Bildutako dirua prozesu judizialetako gastuetara bideratuko dute.
Guggenheim Urdaibai Stop Ekojaia egingo dute larunbatean Ibarrangelun. Bildutako dirua prozesu judizialetako gastuetara bideratuko dute.
Urdaibaiko Guggenheim museoa eraikitzeko proiektua berriz piztu zenetik, lanean ari dira Guggenheim Urdaibai Stop herri mugimenduko kideak. Larunbatean, kasurako, Guggenheim Urdaibai Stop Ekojaia egingo dute Ibarrangeluko (Bizkaia) Akorda auzoan. Mendi ibilaldi batekin abiatuko dute eguna, eta, haren ondotik, bertsolariak, txistulariak eta musika emanaldiak izango dira, besteak beste. Batutako dirua prozesu judizialetako gastuetarako izango dela argitu dute plataformako kideek. Larunbateko ekitaldiaz gainera, urriaren 10erako Urdaibai: norantz? mahai ingurua prestatu dute Gernika-Lumoko (Bizkaia) Astran, 19:00etan. Bertan parte hartuko dute Nadia Nemeh Bermeoko (Bizkaia) alkateak, Arlette Apraiz Gernika-Lumoko Mugimendu Feministako kideak, Aitor Bilbao Gazte Mugimenduko kideak eta Alaitz Ajuriagerra Mugimendu Ekologistakoak. Gehiago irakurri: Urdaibaiko Guggenheim, atzera-bueltarik gabeko puntuan
2023-9-21
https://www.berria.eus/albisteak/233049/bihar-abiatuko-da-taldekako-xilaba-iparraldeko-bertsolari-txapelketa.htm
Kultura
Bihar abiatuko da taldekako Xilaba, Iparraldeko bertsolari txapelketa
Ipar Euskal Herriko lurralde bakoitzetik talde bat osatu da gutxienez. Taldeak, bertsolariz ez ezik, gai emaile eta epaile lanetan arituko diren kidez ere osatuak dira.
Bihar abiatuko da taldekako Xilaba, Iparraldeko bertsolari txapelketa. Ipar Euskal Herriko lurralde bakoitzetik talde bat osatu da gutxienez. Taldeak, bertsolariz ez ezik, gai emaile eta epaile lanetan arituko diren kidez ere osatuak dira.
Kakoiak zuberotar taldeak eta Hazparke hazpandar (Lapurdi) taldeak emanen diote hasiera 2023ko taldekako Xilabari, bihar gauean, 19:00etan, Ozazen (Zuberoa). Urriaren 20ra arte ligaxken saioak iraganen dira, Iparraldeko hiru lurrealdeetan barna. Finalerdiak urriaren 28an eta azaroaren 4an iraganen dira, Muskildin (Zuberoa) eta Azkainen (Lapurdi), hurrenez hurren. Azaroaren 18an, finalaren aldia iritsiko da, Aiherran (Nafarroa Beherea). Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeak batzen dituen txapelketan, bakoitzeko taldeak aurkeztu dira aurten. Taldekako Xilabaren berezitasuna da talde bakoitzak saio bat antolatzeko ardura hartzen duela. Horrez gain, talde bakoitzak bertze multzo bateko saio batean gaiak eman beharko ditu, eta epaile lanak ere eginen ditu. Saio bakoitzean, aldi oro, beste multzoetako bi kide eta publikoko bertsozale bat epaile izanen dira.
2023-9-21
https://www.berria.eus/albisteak/233050/bihotzeko-ostatuak-funtzionamendua-aldatzera-behartuak-dira-iparraldean-baliabide-eskasiagatik.htm
Gizartea
Bihotzeko Ostatuak funtzionamendua aldatzera behartuak dira Iparraldean, baliabide eskasiagatik
Aurtengo bilketetan ez dute aski emaitza ukan, eta laguntzaile gutiegi dituzte.
Bihotzeko Ostatuak funtzionamendua aldatzera behartuak dira Iparraldean, baliabide eskasiagatik. Aurtengo bilketetan ez dute aski emaitza ukan, eta laguntzaile gutiegi dituzte.
Neguko kanpaina abiatzeko garaia dela eta, Bihotzeko Ostatuak elkartea udako antolaketan egotera behartua izan da. Elkarte horrek apairuak urririk eskaintzen dizkie pobrezian direnei, herritarrek emandako emaitzekin. Egun, Ipar Euskal Herrian sei zentro dira, Donibane Lohizunen (Lapurdi), Baionan, Maulen, Aiherran (Nafarroa Behera), Donapaleun (Nafarroa Behera), eta Donibane Garazin. Elkarteak kideen kopurua urtaroen arabera egokitzeko ohitura du: neguan, kideen lekuak mugagabeak dira; aldiz, udan zehar kopurua murrizten dute, beharrak apaltzen direlako. Neguko kanpaina urriaren 23an hasi behar zen, baina Bihotzeko Ostatuetako Pirinio Atlantikoetako departamenduko lehendakariak, Didier Michelek, neguko fasea bertan behera uztea erabaki duela abisatu du, balibideen eskasiarengatik: emaitzak ez dira aski izan, eta laguntzaile kopurua ez da nahikoa. Horrek erran nahi du negu oro kide diren pertsona batzuk ez direla onartuak izanen aurtengo negu kanpainan. Bigarren bilketa Urtero, Bihotzeko Ostatuek bilketak antolatzen dituzte martxoan Frantzian, eta Ipar Euskal Herrian. Bertan herritarrek zein kolektibo eta elkarteek parte hartzen ahal dute, janaria edota laguntzen ahal duten edozer ondasun eskainiz. Hilabete horretan eskaintzen kopuru apala ikusiz eta horri aurre egiteko, Ipar Euskal Herriko hainbat hiritan bilketak berriz antolatuko dituzte urriaren 14tik 15era, besteak beste: Donibane Garazin, Angelun, Maulen, Donapaleun eta Aiherran. Michelek ohartarazi duen bezala, ezohiko bilketa geroz eta gehiago egiten dira Ipar Euskal Herrian. Kolektiboko laguntzaile boluntarioek beren «haserrea eta tristura» adierazi dituzte egoerari begira. «Zaila» iduritzen zaie beharrean den pertsona bat ez onartzea haien elkartean. Horrez gain, lekuak apaltzen dira, baina zentroetako erabiltzaileen kopurua emendatzen da, baita profil berriak ere. «Orain soldatadunak, haurrak dituzten ezkongabekoak eta erretretatuak ere ikusten ditugu», erran du Didier Michelek. Oraindik ez dute aurreikusi zenbat lagun artatuko dituzten aurtengo neguan.
2023-9-21
https://www.berria.eus/albisteak/233051/karabakh-garaiak-azerbaijani-segurtasun-bermeak-eskatu-dizkio-armak-utzi-aurretik.htm
Mundua
Karabakh Garaiak Azerbaijani segurtasun bermeak eskatu dizkio armak utzi aurretik
Bi aldeetako ordezkariek su etena adostu osteko lehen bilkura egin dute. Armeniako oposizioak lehen ministroaren kontrako protestak hasi ditu.
Karabakh Garaiak Azerbaijani segurtasun bermeak eskatu dizkio armak utzi aurretik. Bi aldeetako ordezkariek su etena adostu osteko lehen bilkura egin dute. Armeniako oposizioak lehen ministroaren kontrako protestak hasi ditu.
Karabakh Garaia de facto errepublika independente bat da, baina, itxura guztien arabera, hori izateari utziko dio, eta Azerbaijanen kontrolpean geratuko da. Bi aldeen arteko su etenaren biharamunean, gobernuetako ordezkariak gaur elkartu dira, eremu horren etorkizunaz aritzeko eta, batez ere, de facto estatuaren desegitea negoziatzeko. Prozesu baten lehen bilkura izan da, eta ez dute xehetasun handirik eman hitzorduaren edukiaz eta datozen pausoez; edonola ere, aurrera egin aurretik, Karabakh Garaiko negoziatzaileek segurtasun bermeak nahi dituzte, meniaren parte baita armak uztea. Atzoko akordioaren ostean, behin betiko itun bat falta da gatazka amaitzeko, eta horretaz mintzatzen ari dira bi aldeak. «Auzi eta galdera asko» dituzte lantzeko, Artsakheko Errepublikako —Karabakh Garaiko errepublikaren izena da— presidente Samvel Xahramanianen aholkulari David Babaianek Reuters berri agentziari adierazi dionez: «Ez dugu utziko gure jendea [Karabakh Garaiko armeniarrak] hiltzen. Lehen gauza segurtasun bermeak lortzea da». Azerbaijanek hala eskatuta, Karabakh Garaiko agintariek onartu dute, batetik, Armeniako armadako militarrak Errusiako bakerako tropak dauden eremutik erretiratzea —2020an su etena sinatu zenetik daude han—, eta, bestetik, Karabakh Garaiko talde armatuak desegitea, baita dituzten arma eta ekipamendu militar guztiak entregatzea ere. Bakuk, gainera, beste baldintza bat ere jarri zuen joan den asteartean hasi eta 24 ordu iraun zuen erasoaldia eteteko: de facto estatuak bertan behera uztea independentzia eta errepublika aldarrikapena, eta Azerbaijanen parte dela onartzea. Eta, hain justu, Bakuk gaurko bilkurara bidalitako ordezkariek plan bat aurkeztu dute su etenaren edukia «berehala inplementatzeko», eta Karabakh Garaiak onartzeko Azerbaijanen kontrolpera pasatzea. Horrekin batera, «beharrezko laguntza humanitarioa eta gasolina» bidaltzeko konpromisoa hartu dute, egoera humanitarioa okertu egin baita Azerbaijango ekintzaileek Laçingo korridorea bederatzi hilabete inguruz blokeatu zutelako —handik iristen ziren hornidurak de facto errepublikara—. Horien inguruan ere ez dute xehetasunik eman, baina Azerbaijango Atzerri Ministerioak, ohar baten bidez, esan du bilera «eraikitzailea eta positiboa» izan dela. Bi aldeek, hortaz, norbere lehentasunak ekarri dituzte hizpidera, eta batez ere Karabakh Garaiko ordezkarienak eman du zeresana, gaur ere Artsakheko Errepublikak salatu baitu Azerbaijango armadak su etena urratu duela; X sare sozialean bideo batzuk jarri dituzte, eta horietan tiroak entzuten dira. Bakuk, ordea, esan du menia errespetatzen ari dela, eta Ilham Aliyev Azerbaijango presidenteak atzo gauean adierazitakoa errepikatu du: herritarren eskubideak bermatuko dituzte. Bakerako «bide luzea» Egunotako gertakarien ondorioz kritika handiak jasotzen ari da Nikol Paxinian Armeniako lehen ministroa. Leporatzen diote gehiago egin zezakeela Karabakh Garaia laguntzeko eta babesteko —hango populazioa armeniarra da, eta Armeniarekin bat egin nahi du—, eta Paxinianek gaur erantzun du «indar batzuek Armenia gerrara eraman» nahi dutela, baina ez dutela «halakorik lortuko». Hori bai, ohartarazi du bakerako «bide luzea» egin beharko dutela. «Emozionalki oso zaila den arren, atzerriko indarrei ez zaie aukerarik eman behar Armeniako Estatua arriskuan jartzeko. Askok uste dute bakeaz hitz egitea ez dela nahikoa. Baina, hain justu, baldintza hauetan bakea baloratu behar da, eta ez da nahastu behar su eten batekin», adierazi du Armeniako lehen ministroak. Hitz horiek, ordea, ez dute oposizioa asebete, eta Paxinianen kontrako protesta mugagabeak hasi dituzte. Erevanen, iluntzean, istiluak izan dira, eta, hango hedabideen arabera, hainbat pertsona atxilotu dituzte.
2023-9-22
https://www.berria.eus/albisteak/233052/metanfetamina-nagusi-jarri-diote-australiako-jaioberri-bati-izena-onartzen-zuten-ikusteko.htm
Bizigiro
'Metanfetamina nagusi' jarri diote Australiako jaioberri bati, izena onartzen zuten ikusteko
Australiako erregistro zibilak adierazi du «ezohiko izen» hori sistemaren «zirrikituetatik pasatu» zela.
'Metanfetamina nagusi' jarri diote Australiako jaioberri bati, izena onartzen zuten ikusteko. Australiako erregistro zibilak adierazi du «ezohiko izen» hori sistemaren «zirrikituetatik pasatu» zela.
Lorea, Unai, Metanfetamina Nagusi, Ane eta Hazia. Horiek guztiak umeei jarri nahi izan dizkieten izenak dira, baina horietako bat soilik debekatu du justiziak. Eta ez, ez da hirugarrena. Harrigarria dirudien arren, Australiako kazetari batek Methamphetamine Rules (Metanfetamina Nagusi) izena jarri dio seme jaioberriari. Droga horren kontsumoa sustatu baino gehiago, ikusi nahi izan du Australiako erregistro zibilak zenbateko malgutasuna duen ohikoak ez diren izenak onartzeko. «Bururatu zitzaigun izenik eskandalagarriena bidali genuen, atzera botako zutela pentsatuz», erran du Kirsten Drysdale kazetariak. Argitu du «metanfetamina» hitza hautatu zutela pentsatzen zutelako inork ez zuela «hitz hori ikusi eta ongi dagoela pentsatuko». Baina kazetariak eta haren senarrak sistema –edo haren malgutasuna– gutxietsi zuten. Izan ere, ikusi zutenean izena ez zutela atzera bota, erregistroarekin harremanetan jarri zen Drysdale. Erregistroko bozeramaile batek erantzun zion «ezohiko izen» hori sistemaren «zirrikituetatik pasatu» zela. Hala, bozeramaile berak adierazi zuen gisa horretako izenak onestea ez dela ohikoa, eta familiarekin lan eginen dutela umeari izena aldatu diezaioten. Aldaketak aldaketa, izen hori ez da guztiz desagertuko, erregistroan betiko geldituko baita. Izen berriari dagokionez, Drysdalek dio oraindik ez duela jakinaraziko: «Oso ume lasaia da, mutil ederra; beraz, ez du metanfetamina erabiltzaile baten antzik». Galarazitako izenak Kasu guztiak, baina, ez dira Australiakoak bezalakoak, eta aski da hemerotekan urte bat atzera egitea hori frogatzeko. Izan ere, iaz Hazia izena jarri nahi izan zion bikote batek bere umeari, soinua gustuko zutelako, eta esanahiak etorkizuneko fruitua ekartzen zielako gogora. Epailea, baina, ez zen iritzi berekoa, eta izen hori ez jartzeko agindu zien, zergatik eta «ez dagoelako beste inor izen horrekin, eta substantibo bat delako». Gurasoak epailearekin bildu ziren, baina egoerak berdin jarraitu zuen: ezingo zioten alabari Hazia jarri, aurreko argudioengatik ez ezik, esperma esanahia ere baduelako. Gurasoek hautatutako izena debekatzeaz gain, umeari Zia izena jartzea erabaki zuen epaileak, latinez hazia esan nahi duelakoan. Dena den, gurasoek garbi adierazi zuten helegitea jarriko diotela erabakiari.
2023-9-21
https://www.berria.eus/albisteak/233053/gorenak-ebatzi-du-iruneko-udalak-berriz-onartu-behar-dituela-etxez-etxeko-langile-guztiak.htm
Gizartea
Gorenak ebatzi du Iruñeko Udalak berriz onartu behar dituela etxez etxeko langile guztiak
Espainiako Auzitegi Gorenak atzera bota du Iruñeko Udalak aurkeztutako kasazio errekurtsoa, eta etxez etxeko arreta zerbitzuko 160 bat langile berriz onartzera behartu du.
Gorenak ebatzi du Iruñeko Udalak berriz onartu behar dituela etxez etxeko langile guztiak. Espainiako Auzitegi Gorenak atzera bota du Iruñeko Udalak aurkeztutako kasazio errekurtsoa, eta etxez etxeko arreta zerbitzuko 160 bat langile berriz onartzera behartu du.
Espainiako Auzitegi Gorenak atzera bota du Iruñeko Udalak aurkeztutako kasazio errekurtsoa, eta etxez etxeko arreta zerbitzuko langile guztiak berriz onartzera behartu du, CCOO sindikatuak ohar bidez jakinarazi duenez. 160 bat langile dira, gehienak emakumeak. Duela urte batzuk hasi zen lan gatazka, Enrique Maiaren udal gobernuak etxez etxeko langileen zerbitzuaren kostuak kanpora atera eta langileak enpresa publiko batera aldatu zituenean. CCOOk azaldu duenez, sindikatuak mobilizatu egin ziren, eta auzia judizializatu egin zen. Auzitegi Gorenak orain ebatzi duenez, etxez etxeko langileen zerbitzuaren kudeaketa ereduaren aldaketak Lan Kontratuko Langileen Hitzarmen Kolektiboaren 13. artikulua urratzen du. Gaineratu duenez, artikulu horrek xedatzen du udalak, enplegu publikoa sustatzeko asmoz, ezin dituela kanpora atera gaur egun lan kontratuko langile finkoek edo mugagabe ez-finkoek egiten dituzten lanak. CCOOren ustez, zerbitzu hori kanpora ateratzeak eragina du berez feminizatuta dagoen sektore bateko langileen «prekaritatean». Langile horiek udalaren langileriaren parte izatea babestu du sindikatuak, eta gaineratu zaintzak erakunde publikoak babestuta egon behar duela. Sindikatuak Iruñeko Udaleko indar politikoei eskatu die babes dezatela etxez etxeko arreta zerbitzua Iruñeko Udalaren bitartez garatzeko eskaria.
2023-9-21
https://www.berria.eus/albisteak/233054/irati-iziarrek-hartuko-du-bihar-euskaltzaleen-topaguneko-lehendakaritza.htm
Gizartea
Irati Iziarrek hartuko du bihar Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaritza
Batzarra du erakundeak Ermuko Izarra Centerren, eta han izendatuko dute lehendakari, Kike Amonarrizen ordezko.
Irati Iziarrek hartuko du bihar Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaritza. Batzarra du erakundeak Ermuko Izarra Centerren, eta han izendatuko dute lehendakari, Kike Amonarrizen ordezko.
Tokikomek egindako ekoizpen baten bidez zabaldu dute berria: Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria Irati Iziar izango da bihartik. Historia ikasketak ditu, UEU Udako Euskal Unibertsitateko Etengabeko Prestakuntzako Koordinatzailea da, eta Gasteizko mugimendu euskaltzaleko kide dinamizatzailea. 1975ean jaioa da, Oñatin. Baina berehala egiten du zehaztapena: «Gasteiztarra naiz». Batzarra du bihar arratsaldean erakundeak Ermuko Izarra Centerren, eta han izendatuko dute lehendakari, Kike Amonarrizen ordezko. «Poza» azaldu du Iziarrek kargu hartzearen harira. «Topaguneak nigan ikusi du nirekin lan egiteko edo elkarrekin egoteko gogoa», adierazi du. Ardura ere sentitu du; areago, «bertigoa» ere badela esan du: «Kikeren ordezkoa naiz, ondorengoa, eta oso handia da bera». Hala ere, gogora ekarri du urte asko daramatzala Topaguneko zuzendaritzan, Gasteizko Geu elkartean ere bide luzea egin duela, eta, alde horretatik, ekarpena egiteko era ikusten duela. «Periferiako» ikuskera hori arrunt interesgarria izan daitekeela pentsatzen du, gainera: «Emakumea ere banaiz, eta Gasteiz, Araba... ikuspegi hori txertatzera nator, irudi hori islatzera». Topagunean «egundoko» lantaldea dagoela erantsi du, eta «harro» jaso duela lehendakari izateko proposamena. Biharko batzarrean, Euskaltzaleen Topagunearen Kongresuan aztergai izango diren bi proposamenak ere aurkeztuko dira. Zortzi hilabeteko lan sakonaren emaitza dira, azaroaren 18an Arrasaten egingo den kongresuaren oinarria. Hor ekarpena egiteko asmoa azaldu du Iziarrek: «Kongresua ere orain egingo dugu; beraz, ni laguntzera nator, bidelagun izatera». Lau urteko bidea Lau urte egin ditu Amonarrizek lehendakari. Kargu uztearen harira, euskalgintzak hamarraldiotan egin duen bidea goraipatu du: euskara sustatzeko «beso tekniko» indartsu bat garatu izana txalogarritzat dauka. Uste du gizartera begira dagoela orain erronka: «Nola aktibatu herritarrak? Nola aktibatu hiztunak? Nola aktibatu gizartea?». Garaia «konplikatua»dela azaldu du; «oldarraldi judizialaren» gisako mugimenduek argi uzten dute, adibidez, joera «atzerakoi» bat hizkuntzen arloan, baina, bestetik, «agenda soziopolitikoaren» lehen lerroan ere badaude hizkuntza gutxituekin lotutako gaiak, eta horiek kudeatzen asmatu behar da.
2023-9-22
https://www.berria.eus/albisteak/233074/ernaik-protesta-egin-du-bilbon-eta-gasteizen-barbado-eta-zelaia-espetxeratzearen-aurka.htm
Politika
Ernaik protesta egin du Bilbon eta Gasteizen, Barbado eta Zelaia espetxeratzearen aurka
Espainiako Gobernuak Bilbon duen ordezkaritzan aritu dira, eta Ertzaintzaren Gasteizko egoitzan. Ertzaintzak hiru pertsona atxilotu ditu Arabako hiriburuko protestan. Guztira, ehun pertsona baino gehiago identifikatu dituzte.
Ernaik protesta egin du Bilbon eta Gasteizen, Barbado eta Zelaia espetxeratzearen aurka. Espainiako Gobernuak Bilbon duen ordezkaritzan aritu dira, eta Ertzaintzaren Gasteizko egoitzan. Ertzaintzak hiru pertsona atxilotu ditu Arabako hiriburuko protestan. Guztira, ehun pertsona baino gehiago identifikatu dituzte.
Gaur goizean protesta ekintza abiatu du Ernai gazte erakundeak Bilbon. Espainiako Gobernuak Moiua plazan duen egoitzaren aurrean eserialdia egin dute, 07:30ak aldera, eta trafikoa moztu. Hainbat gazte lepotik kateatu dira. Horrez gain, Gasteizen ere protesta egin dute ordu berean, Ertzaintzaren egoitzan. Bertan ere, gazte batzuk eraikinera lotu dira. Arratsaldean ere zenbait protesta egin dituzte; besteak beste, gazte talde batek errepide bat moztu du Hernanin (Gipuzkoa). Galder Barbado eta Aitor Zelaia gazteek joan zen astean jasotako espetxeratzeko aginduen kontrako protesta izan da. «Aitorrek eta Galderrek lau urte daramate espetxe arriskuan, eta horrek erantzule zuzena du», gogoratu dute Ernaiko kideek Bilbon. Izan ere, «ankerkeria horren erantzuleak jopuntuan» izan dituzte, eta espetxeratzea «euskal gazteriaren eta herri honen duintasunaren aurkako erasotzat» jo dute. Argi utzi dutenez, lau urte hauetan bezala, «azken txanpa honetan ere kaleetan» jarraituko dute. «Ez dugu euskal gazteriaren aurkako erasorik onartuko! Militantzia politikoa ez da delitua!», adierazi du Ernaik sare sozialetan. Ertzaintza errepidean eserita zeudenen aurka oldartu da, eta banan-banan identifikatu ditu eserialdian parte hartu dutenak. Lepotik lotuta zudenen kateak metalerako aizturrekin mozten saiatu da Ertzaintza, baina ezin izan du. Azkenean, suhiltzaileak heldu dira, eta haiek moztu dituzte kateak. 11:10 aldera amaitu da protesta. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, Ertzaintzak 92 pertsona identifikatu ditu Bilbon. Gasteizen, berriz, hiru pertsona atxilotu dituzte, eta beste 42 identifikatu. Arratsalderako ere zenbait protesta deituak zituen Ernaik. Esaterako, mobilizazioa egin dute Bilbon, eta Hernanin errepide bat moztu dute. Azken protesta horretan, gutxienez lau lagun identifikatu ditu Ertzaintzak. Datorren larunbatean, berriz, mobilizazio nagusia egingo dute Gasteizen: 18:30ean aterako dira, Artiumetik. Ernaik bertara joateko deia egin du: «Milaka pankarta, milaka eskuorri eta milaka kontzentrazio egin ditugu herrietan. Gaur ere, horrela salatu dugu. Hurrengo larunbatean, Gasteizko kaleak beteko ditugu. Aitor eta Galder aske!». Ez dira Barbadoren eta Zelaiaren kontrako espetxeratze agindua salatzeko lehen protestak izan. Astelehenean, protesta egin zuten Agurainen, Amurrion (Araba) eta Gasteizen, Ankerkeriari Stop plataformak deituta, eta ehunka lagunek bat egin zuten. Euskal Herriko beste hainbat herritan ere elkarretaratzeak egin dituzte. . Espainiako Auzitegi Nazionalak launa urteko espetxe zigorra ezarri zien Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazteei, lehergailuak egiteko materiala edukitzea leporatuta. «Militante politiko izateagatik zigortu nahi gaituzte», adierazi izan dute gazteek.
2023-9-22
https://www.berria.eus/albisteak/233075/oilarren-arteko-lehia-izango-da-bihar-gorbeia-suzien-proban.htm
albisteak
Oilarren arteko lehia izango da bihar Gorbeia Suzien proban
Skyrunning World Series zirkuituko hamaikagarren proba izango da Zeanurikoa, azken aurrekoa. Iris Pessey frantziarra eta Antonio Martinez espainiarra sailkapen nagusiko lehen postuari eusten saiatuko dira, baina estua izango da dema. Bihar bada beste topaketa bat ere: Skyrhune proba, Azkainen (Lapurdi), Euskal Herriko Kopako azkena.
Oilarren arteko lehia izango da bihar Gorbeia Suzien proban. Skyrunning World Series zirkuituko hamaikagarren proba izango da Zeanurikoa, azken aurrekoa. Iris Pessey frantziarra eta Antonio Martinez espainiarra sailkapen nagusiko lehen postuari eusten saiatuko dira, baina estua izango da dema. Bihar bada beste topaketa bat ere: Skyrhune proba, Azkainen (Lapurdi), Euskal Herriko Kopako azkena.
Euskal Herriko traileko lasterketa handietako bat jokatuko da bihar Zeanurin (Bizkaia): Gorbeia Suzien, 10. aldia aurten. Lasterketa nagusiak 32 kilometro eta 2.400 metroko goranzko desnibela du, Gorbeiako Parke Nazionalean, eta Gorbeia tontorra bera du erreferentzia puntu nagusia. Laburrak, berriz, distantzia eta desnibel erdia: 21 km eta 1.200 m+ desnibel. Beste behin nazioarteko eliteko korrikalaririk onenetakoak bilduko dira Zeanurin, Skyrunner World Series 2023 zirkuituko hamaikagarren proba ere izango baita Gorbeiakoa, azken aurrekoa. Lasterketako puntuazioa, gainera, bikoitza izango da, eta, beraz, SkyMasterseko oilar gehienak bertan izango dira, orain arteko liderrei, Iris Pessey frantziarrari eta Antonio Martinez espainiarrari, kukurruku ozenena nork egiten duen erakutsi nahian. Oilarren arteko lehia izango baita Gorbeiakoa: Pessey Skyrunner zirkuituko liderrarekin batera hor izango dira aurtengo trail runningeko munduko txapelduna, Clementine Geoffray, frantsesa hori ere, Marcela Vasinova txekiarra, Anastasia Rubtsova errusiarra, Ikram Rharsalla marokoarra eta beste hainbat. Nola ez, etxeko korrikalariak ere garaipenerako borrokan ibiliko dira: iaz bost segundo eskasengatik bigarren izan zen Onditz Iturbe arantza ateratzeko gogoz arituko da aurten, eta zer esanik ez Oihane Azkorbebeitia abadiñarra. Haiekin batera, Zeanurin izango dira Irati Zubizarreta eta Oihana Zubillaga ere. Mutiletan ere estua izango da lehia. Zeanurin izango dira Skyrunner World Serieseko sailkapen nagusiko lehen laurak. Aipatutako Antonio Martinez, Manuel Merillas espainiarra eta Frederic Tranchand frantziarra (biak bigarren postuan berdinduta daude), Zaid Ait Malek marokoarra, Alejandro Forcades espainiarra, Sebastien Poesy frantziarra, Gianluca Ghiano italiarra eta Peter Frano eslovakiarra, besteak beste. Euskal korrikalariei dagokienez, aurrekoen artean egoten saiatuko dira Aitor Zunzunegi, Aitor Ajuria eta Markel Urigoitia euskal selekzioko kideak. Lasterketa 9:00etan abiatuko da Zeanuritik, eta ikusi beharko da azken orduetako euriak zer-nolako eragina duen ibilbidean. Informazio gehiago, probaren webgunean. Skyrhune, Azkainen Gorbeiakoaz gain, goi-mailako beste trail bat ere izango da bihar Euskal Herrian: Skyrhune entzutetsua, Azkainen (Lapurdi), 21 km eta 1.700 metroko goranzko desnibelarekin. Euskal Herriko Kopako zortzigarren eta azken lasterketa izango da, eta, aldi berean, Golden Trail National Series zirkuituko proba ere bai. Euskal Herriko Kopan, orain arteko zazpi proben ondoren, Oihane Zubillaga eta Beñat Katarain dira liderrak. Aritz Egea, probako aurreko aldi batean. Skyrhune Azkaineko lasterketan ere ez da faltako oilarrik. Nesken artean, hor izango dira Blandine L’Hirondel frantziarra (hirugarren izan da berriki UTMBn), Mathilde Sagnes iazko irabazlea, Emlie Menuet, Olivia Magnone eta beste hainbat. Euskal korrikalarien artean, aurreko lehia horretan izan daitezke Maud Combarieu eta Ainara Uribarri, besteak beste. Mutiletan ere izen handiak izango dira Azkainen: Benjamin Roubiol, Frantziako txapeldunordea, Loic Robert iazko irabazlea, Jan Margarit katalana (2021eko irabazlea), Aritz Egea urretxuarra (garaile 2015ean eta hirugarren iaz), Ander Iñarra, Yohan Baujard, Quentin Meyleu, Louisson Coiffet eta Frantziako selekzioko hainbat gazte... Informazio gehiago, probaren webgunean.
2023-9-22
https://www.berria.eus/albisteak/233077/13-eta-15-urteko-kondenak-ezarri-dizkiete-baionako-autobus-gidaria-kolpatuz-hil-zutenei.htm
Gizartea
13 eta 15 urteko kondenak ezarri dizkiete Baionako autobus gidaria kolpatuz hil zutenei
Prokuradoreak hamabost urteko kartzela zigorra galdetu zuen bientzat.
13 eta 15 urteko kondenak ezarri dizkiete Baionako autobus gidaria kolpatuz hil zutenei. Prokuradoreak hamabost urteko kartzela zigorra galdetu zuen bientzat.
Paueko Krimen Auzitegian (Okzitania) epaitu dituzte Philippe Monguillot Baionako autobus gidaria hil zuten bi gizonak, aste honetan. Epaileak atzo arratsean eman zuen erabakia: bietako bati hamabost urteko kartzela zigorra ezarri dio, eta besteari, hamahiru urtekoa. Prokuradoreak hamabost urteko kartzela zigorra eskatu zuen bien kontra. Auzian, hau da biei leporatzen zietena: «Indarkeria nahita erabili izana eta indarkeria horren ondorioz nahi gabe pertsona bat hil izana». 2020ko uztailaren 5ean gertatu zen erasoa; orduan, maskara derrigorrezkoa zen garraio publikoetan, eta bi gizonek uko egin zioten ezartzeari. Autobus gidaria hurbildu zitzaien, bi gizonetako bati buru kolpe bat eman zion, eta horrek hasiera eman zion borrokari. Bi gizonek bortizki kolpatu zuten Monguillot, eta, bietako batek eman zion kolpe baten ondorioz, erori eta haren buruak espaloiaren kontra jo zuen. Handik zenbait egunetara hil zen autobus gidaria, koman egon ondoan.
2023-9-22
https://www.berria.eus/albisteak/233078/nafarroako-ekonomiak-moteltzen-jarraitzen-du.htm
Ekonomia
Nafarroako ekonomiak moteltzen jarraitzen du
Nastatek hamarren bat kendu dio uztailean aurreratutako datuari: %2 hazi da BPGa azken urtean.
Nafarroako ekonomiak moteltzen jarraitzen du. Nastatek hamarren bat kendu dio uztailean aurreratutako datuari: %2 hazi da BPGa azken urtean.
Hiruhileko batetik bestera indarra galtzen ari da oraindik ere Nafarroako ekonomia, baina oraindik hazkunde tasa sendo bati eusten dio. Nastatek gaur emandako datuen arabera, urteko lehen hiruhilekotik bigarrenera %0,3 hazi da, eta %2, berriz, iazko bigarren hiruhilekoarekin konparatuz gero. Nastatek zuzendu egin du uztailean aurreratutako datua, orduan esan baitzuen %2,1 hazi zela azken urtean. Sektore guztiak ari dira hazten, baina batez ere nekazaritza (+%3,5) eta zerbitzuak (+%2,4). Industriak ere tasa positiboa du urte arteko tasan (+%1,3), baina negatiboa hiruhileko artekoan (-%4,2), sektore hori ari baita gehien nozitzen inflazio handiak euroguneko ekonomiari eragiten ari zaion pattalaldia. Eskariari begiratuz gero, familien kontsumoa da argi eta garbi ekonomiaren motorra (+%3,2), administrazio publikoen (+%1,7) eta enpresen inbertsioaren gainetik (+%1,4). Nastatek irabazien banaketari ere erreparatzen dio, eta, azkenaldian bezala, ziurtatu du gehiago handitzen ari direla enpresen mozkinak eta autonomoen errentak (+%6,9) soldatapekoen errentak baino (+%6).
2023-9-22
https://www.berria.eus/albisteak/233079/san-fermin-txikin-egitekoak-ziren-zenbait-kultur-ekitaldi-debekatu-ditu-iruntildeeko-udalak.htm
Gizartea
San Fermin Txikin egitekoak ziren zenbait kultur ekitaldi debekatu ditu Iruñeko Udalak
Festa hasteko bi egunen faltan jakinarazi du debekua UPNren gobernu taldeak
San Fermin Txikin egitekoak ziren zenbait kultur ekitaldi debekatu ditu Iruñeko Udalak. Festa hasteko bi egunen faltan jakinarazi du debekua UPNren gobernu taldeak
Iruñeko Alde Zaharreko Jai Batzordeak salatu du debeku sorta bat iritsi zaiela auzoko hainbat elkarteri, San Fermin Txiki festa hasteko bi egun falta direla. Etxabeetan eta lokaletan egitekoak ziren kultur ekitaldi ugari debekatu ditu udalak, isunekin mehatxu eginez. «Dagoeneko kontratatuta eta egitarauan iragarrita zeuden ekitaldiak debekatu dituzte, baita aurreko urteetan arazorik gabe eginikoak ere», azaldu du Jai Batzordeak ohar batean. Debeku hauen helburua «auzoaren bizitzarako garrantzitsuak diren zenbait espazio zigortzea» dela uste dute Jai Batzordeko kideek. «Bitartean, udal honek baimendu eta, are, sustatu egiten ditu auzoan askoz eragozpen, zarata, zikinkeria eta lo egiteko arazo handiagoak eragiten dituzten jarduerak, gaueko ordutegian eta urte osoan». Hori dela eta, «konponbide bat» galdegin diote Iruñeko Udalari, «jada programatuta zeuden jarduerak egin ahal izateko». Are: Jai Batzordea «prest» agertu da udalarekin eta gainerako eragile guztiekin biltzeko «eta adostasun puntuak bilatzeko». Oraingoz, debekuengatik protesta egiteko xedez, Dantzazoroa izeneko dantza saio herritarra antolatu dute auzokideek. Udaletxe plazan eginen dute, bihar, 12:00etan. EH Bildu: «Ez da lehen aldia; UPNk ohitura du auzokideen eta kolektiboen jarduna oztopatzeko» EH Bilduko zinegotzi Maider Belokik «onartezintzat» jo du auzoko eragileek Iruñeko Udalak San Fermin Txikirako antolatutako jarduerak debekatu izana. «Udalaren zeregina izan beharko litzateke bizilagunei erraztasunak eta laguntza ematea, hirian hain ezagunak diren jai hauek normaltasunez bizi ditzagun». Hala ere, uste du hau ez dela UPNk herri mugimenduen kontra egin duen lehen aldia: «UPNk ohitura du auzokideek eta kolektiboek antolatutako kultur ekitaldiak oztopatzeko». Horregatik, EH Bilduk «babes osoa» adierazi die Alde Zaharreko bizilagunei eta auzoko jai batzordeari. Zurekin Nafarroa: «Sektarismoz eta autoritarismoz jokatzen du Ibarrolak» Debekuaren berri izan eta berehala, UPNren udal gobernu taldearen jokabidea txarretsi du Zurekin Nafarroa koalizioak. Ezkerreko taldearen aburuz, «ulergaitza» da debekua «azken unean» jakinarazi izana, «ekitaldiak jada kontratatuta zeudela, eta aurreko urteetako berberak izanda». Koalizioko zinegotzi Txema Mauleonek Ibarrola alkateari egotzi dio «autoritarismoz eta sektarismoz» jokatzea, «batez ere, hurbileko ez dituen kolektiboen aurka». Hain zuzen, Mauleonek nabarmendu du ez dela kasualitatea «trabak soil-soilik talde jakin batzuei jartzea, eta ez besteei». San Fermin Txikiren auzian, gainera, «era traketsean» aritzea leporatu dio UPNri: «Udalak hasieran esan zuen ez zituela komunak jarriko, eta, bizilagunen kexen ostean, atzera egin behar izan zuten. Debeku hauek bide oker beretik doaz». Mauleonen aburuz, «tamalgarria» da UPNk «polemikak sortu behar izatea», jai batzordeekin hitz egin ordez. «Auzokideei entzunda eta haiekin batera lan eginda, akordioetara iritsi beharko litzateke udala, festak normaltasunez egin ahal izateko eta ahalik eta eragozpen, hondakin eta zikinkeria gutxiena sortzeko». Geroa Bai: «Jakina da UPNk ezinikusia diola kolektiboen parte hartzeari» Geroa Bairen udal taldeak ere gogor kritikatu du Iruñeko Udalaren erabakia. «Ez da onargarria San Fermin Txiki jaiak hasteko 48 ordu falta zirela egitarauko jarduerak debekatzea; are gutxiago jarduera horiek egiteko baimena aspaldi eskatu zela kontuan izanik». Koalizioko zinegotzi Mikel Armendarizek esan du udalak ez duela «irizpide garbi eta koherenterik» erakutsi Iruñeko Alde Zaharrean ekitaldiak baimentzeko tenorean: «Jarduera batzuk debekatzen ditu, baina urte osoan beste ekitaldi asko sustatzen ditu Alde Zaharrean, eta horiek are eragozpen gehiago sortzen dizkiete bizilagunei». Armendarizek udala premiatu du auzoetako kolektiboekin «elkarlana sustatzera», horiek egiten duten lanak «hiriaren bizitza soziala eta kulturala aberasten baitu». Salatu du, hala ere, «jakina» dela UPNk «kolektiboen parte hartzeari dion ezinikusia, azken orduan heldu diren debeku hauek agerian uzten dutenez». Hori dela eta, «okerra zuzentzeko» eta «programatutako jarduerak baimentzeko» galdegin dio Geroa Baik Ibarrola alkateari.
2023-9-22
https://www.berria.eus/albisteak/233080/babes-ofizialeko-etxe-bat-eskuratzeko-gehieneko-diru-sarrerak-85-igoko-ditu-jaurlaritzak.htm
Gizartea
Babes ofizialeko etxe bat eskuratzeko gehieneko diru sarrerak % 8,5 igoko ditu Jaurlaritzak
27.125 eurora eguneratuko ditu babes ofizialeko etxeak eskuratzeko gehieneko diru sarrerak. Iñaki Arriolak iragarri du «berehala» hartuko dutela erabakia, familiarik ez geratzeko sistematik kanpo.
Babes ofizialeko etxe bat eskuratzeko gehieneko diru sarrerak % 8,5 igoko ditu Jaurlaritzak. 27.125 eurora eguneratuko ditu babes ofizialeko etxeak eskuratzeko gehieneko diru sarrerak. Iñaki Arriolak iragarri du «berehala» hartuko dutela erabakia, familiarik ez geratzeko sistematik kanpo.
Eusko Jaurlaritzak % 8,5 handituko ditu etxebizitza publiko bat erosi edo alokatu ahal izateko gehieneko diru sarrerak, Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak gaur iragarri duenez. Inflazioaren gorakadari aurre egiteko eta gehienezko muga hori gainditzeagatik sistematik kanpo geratzen den familiarik ez egoteko egingo dute aldaketa. Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan egin du iragarpena Arriolak, PSE-EEk egindako galderari erantzunez. Igoera horren agindua «laster» bidaliko dio Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluari, eta orduan jarriko da indarrean. Gehieneko diru sarreren muga 25.000 eurotik 27.125 eurora igaroko da alokairuko babes sozialeko etxeei dagokienez; 39.000 eurotik 42.315 eurora igoko da erregimen orokorreko babes ofizialeko etxe bat alokairuan edo erosketan aukeratzen dutenentzat; eta 50.000 eurotik 54.250 eurora tasatutako etxeei dagokienez. Etxebiden izena emanda egoteko diru sarreren mailak kalkulatzeko, PFEZaren aitorpena erabiltzen da, eta faktore zuzentzaile bat aplikatzen da, bizikidetza unitatearen ezaugarrien arabera. Gehieneko diru sarrera haztatuak gainditzen badira, babes ofizialeko etxebizitza bat eskuratzeko aukera galtzen da. Egoera hori saihestu nahi dutela azaldu du Arriolak, inflazioaren ondorioz pertsona asko babes sozialeko sistematik at gera ez daitezen. Egun, babes ofizialeko etxe bat nahi dutenen 17.000 eskaera tramitatzen ari da Etxebide. Arriolak iragarri du eguneraketa berria etxebizitzarako eskubide subjektiboari buruzko etorkizuneko dekretuaren azken xedapenean jasoko dela, eta datozen asteetan onartuko dela. Dekretua onartzen denean, % 8,5eko eguneratzea egingo da, eta urtero KPIra egokituko da urtarrilaren 1ean.
2023-9-22
https://www.berria.eus/albisteak/233081/urkulluk-hezkuntza-sailari-eskatu-dio-argitu-dezala-eskola-ibilbide-batzuk-enpresa-bati-esleitu-izana.htm
Gizartea
Urkulluk Hezkuntza Sailari eskatu dio argitu dezala eskola ibilbide batzuk enpresa bati esleitu izana
Gipuzkoako eskola garraioaren ibilbideen zati bat Hezkuntza Saileko aholkulari baten enpresari esleitu diotela argitaratu dute gaur Vocento taldeko egunkariek. Gorrotxategik azalpenak eskatu dizkio lehendakariari.
Urkulluk Hezkuntza Sailari eskatu dio argitu dezala eskola ibilbide batzuk enpresa bati esleitu izana. Gipuzkoako eskola garraioaren ibilbideen zati bat Hezkuntza Saileko aholkulari baten enpresari esleitu diotela argitaratu dute gaur Vocento taldeko egunkariek. Gorrotxategik azalpenak eskatu dizkio lehendakariari.
Vocento taldeko egunkariek gaur argitaratu dutenez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Gipuzkoako garraio eskolaren hamabost autobus ibilbide esleitu zizkion Hezkuntza Saileko aholkulari juridiko batek duen enpresa bati. Informazio horren arabera, Jaurlaritzak Autocares Urpa SM enpresari esleitu zizkion Gipuzkoako garraio eskolako ibilbideen %25; enpresa horretako administratzailea Joanes Labaien da, Hezkuntza Saileko aholkulari juridikoa eta Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentearen senarra. Miren Gorrotxategi EP-IUko bozeramaileak Eusko Legebiltzarreko kontrol saiora eraman du gaia, eta argibideak eskatu dizkio Iñigo Urkullu lehendakariari. Hark erantzun du dagoeneko eskatu diola Hezkuntza Sailari «ahalik eta azkarrena» argitu dezala gertatutakoa, eta ziurtatu du Jokin Bildarratzen departamenduak informazio guztia emango duela. «Gardentasunarekin dugun konpromisoa ukaezina da, eta administrazioarentzat lan egiten duten guztientzat ere izan behar du», erantsi du. Gorrotxategiren ustez, berriz, «eskandalu izugarria» da esleipena enpresa horri egin izana. «Bizkaiko eta Arabako garraio enpresei kartel bat osatzea leporatu zitzaien; izan ere, garraio enpresekin akordioa lortu den lurralde bakarra Gipuzkoa izan da, eta, kasualitatez, eskola garraio publikoaren negozioaren zatirik onena enpresa baten esku geratu da», kritikatu du. Haren ustez, zerbitzu publikoak pribatizatzen direnean, eskubideak ez dira bermatzen. Bestalde, eskola garraio publikoaren egoerari buruz galdetuta, lehendakariak esan du balorazio «positiboa» egiten duela, arazoari erantzun bat eman diotelako. «Hezkuntza publikoa egokitzeko eta etengabe hobetzeko prozesuan dago, eta ezinegona sortu duten eta egoera bideratzen saiatu garen aldaketak egin behar izan ditugu, familiei laguntza emanez».
2023-9-22
https://www.berria.eus/albisteak/233082/indigenen-jabetza-eskubidea-mugatzearen-kontra-ebatzi-du-brasilgo-gorenak.htm
Mundua
Indigenen jabetza eskubidea mugatzearen kontra ebatzi du Brasilgo Gorenak
Nekazaritza eta abeltzaintza industrialaren lobbyak eta ultraeskuinak aurkeztutako argudioen kontra egin du epaileen gehiengoak. Horiek eskatzen zuten indigenen lurren aitortza mugatzea 1988an okupatuta zituztenetara.
Indigenen jabetza eskubidea mugatzearen kontra ebatzi du Brasilgo Gorenak. Nekazaritza eta abeltzaintza industrialaren lobbyak eta ultraeskuinak aurkeztutako argudioen kontra egin du epaileen gehiengoak. Horiek eskatzen zuten indigenen lurren aitortza mugatzea 1988an okupatuta zituztenetara.
Brasilgo Auzitegi Gorenak berretsi du herri indigenek beren lurralde historikoaren gainean duten jabetza eskubidea konstituzionala dela, lur horiek tradizionalki eta modu jarraituan okupatu badituzte. Eta argitu du eskubide horrek ez duela denbora mugarik. Hala, Gorenak baztertu egin du eskubide horren eragina denbora tarte jakin batera murrizteko eskaria. Ekintzaile indigenek garaipen historikotzat jo dute, baztertu egin dituelako nekazaritza eta abeltzaintza industrialari lotutako lobbyek eta ultraeskuineko indar politikoek aurkeztu dituzten argudioak. Talde horiek eskatu zuten indigenek lurren gainean duten eskubidea mugatu zedila Brasilgo Konstituzioa onartu zenean okupatuta zeuzkaten eremuetara, hau da, 1988ko urriaren 5ekoetara. Baina, atzo, eskubidea epe jakinik gabe berrestearen alde bozkatu zuten bederatzi epailek; bi agertu ziren kontra. Goreneko magistratuen gehiengoak konstituzioaren 231. artikulua hartu du oinarritzat. Jasotzen duenez, lurralde indigenak dira Brasilgo jatorrizko herriek era jarraituan bizitokitzat eduki eta jarduera produktiborako erabili dituztenak, eta natur baliabideen eta ohitura eta tradizio indigenen babeserako ezinbesteko direnak. Azaldu dutenez, konstituzioak «jatorrizko eskubideak» aitortzen dizkie herri indigenei lur horien gainean; beraz, eskubide horiek konstituzioa baino lehenagokoak dira, eta ezin dira legez mugatu. Gorenak ontzat jo izan balu nekazaritza eta abeltzaintza industrialaren lobbyak egindako eskaria, aitortza horretatik kanpo utziko zituzkeen indigenek 1988a baino askoz ere lehenago tradizionalki okupatu zituzten lurrak baina kolonoek indarrez kendutakoak. Indigenen eskubideen aldeko ekintzaile askok emozioz ospatu dute epaia. Horietako ehunka auzitegiaren aurrean bildu ziren, atzo, epaiaren zain, eta pantaila handien bidez ikusi zuten auzia. Indigenek aldarrikatzen dituzten lurretako asko Amazonia oihanean daude, eta, beraz, elkarte indigenek uste dute epaia garrantzitsua dela ingurumena babesteko. Amazonia da munduan biodibertsitaterik handiena biltzen duten natur eremuetako bat, eta zientzialariek ezinbestekotzat jo dute hura babestea klima larrialdiari aurre egiteko. Datuek frogatzen dute indigenen esku dauden lurraldeetan zaindu direla hobekien basoak eta biodibertsitatea. Indigena talde bat, atzo, Brasilgo Auzitegi Gorenaren parean, erakunde horrek indigenen lurren gaineko eskubideari buruz emandako epaia ospatzen. ANDRE BORGES / EFE Denbora esparrua izenez ezagun egin den mugaren aldekoek argudiatu dute halakorik onartu ezean indigenen lur aldarrikapenak amaigabeak izan daitezkeela, Brasilgo lurralde osoa zelako herri indigenena, Portugalgo Erreinuak XVI. mendean hura kolonizatu aurretik. Indigenei lurren gaineko eskubide konstituzionala aitortuta, Gorenak legezko formulak eraiki beharko ditu orain, argitzeko zer egoera juridikotan gelditzen diren indigenek aldarrikatzen dituzten hainbat lur eremu, urteetan lur jabe handiek okupatu dituztenak; gehienetan, argitu gabeko lege oinarriarekin. Epaile batzuek nabarmendu dute lur jabe horietako askok tokiko administrazioei erosi zizkietela okupatu dituzten eremuak, administrazioek lurren salmentarako baliatu zituztelako 1988ko konstituzioaren aurretik zeuden hutsune legal handiak. Alexandre de Moraes epaileak, esaterako, proposatu du indigenek aldarrikatzen dituzten lur horiek erosi zituztenek eremua uztea, kalte ordain baten truke; edo herri indigenei beste lur batzuk egokitzea, aldarrikatzen dituzten horien pareko eremua hartzen dutenak. Formula hori ez litzaieke ezarriko indigenak indarrez kanporatu zituzten okupatzaileei. Horiek inolako ordainik gabe kanporatzea proposatu du magistratuak. Eztabaida Senatuan Auziak eztabaida piztu du talde politikoen artean. Senatuko batzorde bat lege proposamen bat aztertzen ari da Gorenak baztertu duen denbora muga ezartzeko. Senatua datorren astean da proposamena bozkatzekoa, eta, onartuko balu, goi ganberara itzuliko da azken bozketa egiteko —Diputatuen Ganberak haren tramitazioari bide eman zion maiatzean, 283 ordezkariren babesarekin, eta kontrako 155 botorekin—. Senatari batzuek ohartarazi dute ekinaldiak ez duela ibilbide luzerik izango, Gorenera iritsiko delako konstituzioaren aurkakoa izateagatik. Auzitegiak atzoko epaian adierazi zuen indigenek beren lur historikoei dagokienez duten eskubidea «jatorrizkoa» dela, eta lege batek ezin diola denbora mugarik jarri. Datu ofizialen arabera, Brasilgo indigenek herrialdeko eremuaren %14 okupatzen dute, 700 esparru baino gehiagotan banatuta. Estatua beste 490 eremuren gaineko eskariak aztertzen ari da. Lur indigenen demarkazioa egitea estatuko erakundeen betebeharra da, konstituzioak zehazten duenez. Botere publikoak herri indigena bati lursail bat egokitzean, haren gaineko eskubide preskribaezina aitortzen dio, eta beste batek ezin du eremu horretako baliabiderik ustiatu Kongresuaren baimenik gabe. Hala ere, Jair Bolsonaro presidente ohiaren gobernuak eten egin zuen lan hori. Eskuin muturreko liderraren esanetan, lur indigenen hedatzeak «bideraezin» egingo luke nekazaritza eta abeltzaintza gehiago garatzea. Luiz Inacio da Silva Lula presidenteak berriz abiarazi ditu lur indigenen mugak zehazteko mekanismoak. Estatuburuak adierazi izan du indigenen jabetza eskubideari denbora muga bat ezartzearen aurkakoa dela.
2023-9-22
https://www.berria.eus/albisteak/233083/bi-aldeetan-sentitzen-dugu-herrian-bizi-nahi-dugula-eta-euskaraz.htm
Politika
«Bi aldeetan sentitzen dugu herrian bizi nahi dugula eta euskaraz»
Baztango eta Baigorriko gazteek Izpegiko bestak antolatu dituzte: gaur eta bihar izanen dira, lepo gainean berean. Oihana Bidart Basaizea elkarteko kideak adierazi duenez, lehenagotik hasi harremanen sakontzea izan da besten antolatzea.
«Bi aldeetan sentitzen dugu herrian bizi nahi dugula eta euskaraz». Baztango eta Baigorriko gazteek Izpegiko bestak antolatu dituzte: gaur eta bihar izanen dira, lepo gainean berean. Oihana Bidart Basaizea elkarteko kideak adierazi duenez, lehenagotik hasi harremanen sakontzea izan da besten antolatzea.
Baztango (Nafarroa) eta Baigorriko gazteek, lehen aldikoz eta eskuz esku, Izpegiko bestak antolatu dituzte. Gaur, mintzaldi bat eginen dute mugaz gaindiko harremanez, Bereko Bentan. Besta egun nagusia bihar izanen da, goizetik. Oihana Bidart Basaizeako kidea (Baigorri, 1994) antolatzaile taldean da. Nolako harremana duzue Izpegiz bi aldeetako gazteek? Gazte gisa, badugu ohitura Baztango gaztetxera eta Erratzura besta egitera joateko. Baztandarren Biltzarrerat ere bai, Basaizearekin aspaldidanik baitute harremana. Izpegiko bestekin, oraino beste harreman batzuk piztu dira. Nondik jin da ideia? Betidanik bazen gogoa. Gero, zaila baita egitea, ez genuen sekula deus aitzinerat eraman. Konfinamenduan muga hetsi zuten, eta elkarretaratzeak egin genituen Izpegi kaskoan; bi aldetarik etorri zen jendea. Hor mintzatzen hasi ginen: «Zer toki ederra den: behar genuke zerbait egin hemen!». COVID-19a pasatu zen, eta, 2022an, bertso bazkari bat egin genuen Izpegin. Helburua zen guretzat egitea, aitzakia ukan genezan elkar ikusteko. Hortik, Izpegiko besten prestatzen hasi ginen. Izpegiz bi aldeetako gazteek herrian bizitzeko eta herria biziarazteko grina sentitzen duzue? Herrian bizitzeko gogoa bada oraindik, bai han, bai hemen. Eta bi aldeetan ohartu gara prezioen gorakada eta turismo masiboaren arriskua badela. Baztanen, azken urteetan, turismo masiboa ukan dute, Dolores Redondoren fikzioen ondorioz. Ohartzen dira eraginaz: prezio guziak igaten dira, etxe hutsak badira; hori berdin bizi dugu bi aldeetan. Bietan sentitzen dugu herrian bizi nahi dugula, eta euskaraz. Eta beste hainbat aldarrikapen: feminismoa, tokiko ekoizpenak erabiltzea, ez gauza kutsagarririk erostea… Zuek baino gazteagoekin sentitzen duzue luzerako dela? Berriki Basaizean sartu direnekin edo herriko 16, 17 eta 18 urteko beste gazte batzuekin mintzatzen garelarik, denek badute gogo hori: nahi dute harremana izan Baztangoekin. Espero dugu segituko duela, nahiz beti zaila den segurtatzea; elkarte bizia iraunaraztea zaila baita. Segur da gogoa badela. Izpegiko lepoak duen eremuan nola pentsatu duzue besta? Alde batetik, ahal bezainbat jende eta belaunaldi hunki nahi genituen. Ahal bezainbat errespetatu tokia. Horregatik, lanean hasi gara hango hiru bentekin, bestan integratuz. Gaurko mintzaldia benta batean eginen da. Bihar arratsaldeko poteoa eta arratseko ogitartekoak haiek dituzte eginen. Gero, badakigu leku aski zabala badela xapito bat ezarri eta kontzertuak egiteko. Aski naturalki etorri dira proposamenak: mendizaleak oinez jitea, bizikletariak berdin, ikastolen integratzea… Horretarako, harremanetan jarri ditugu bi aldeetako mendizale elkarteak eta ikastolak. Helburua da, gauden antolatzaileez gain, jende gehiagok harremana egitea. Herriko etxeekin nola joan da? Erratzu [Baztan] eta Baigorriko herriko etxeei eta ibarreko sindikatuari —aparkalekua harena da— baimena galdegin diegu, bai eta laguntza ere; Baztango Udalari ere bai. Baimena fite eman digute, eta, gainera, lagundu gaituzte, materiala prestatuz. Herriko etxeak gurekin dira, bai. Bi estatuek jarri muga salatzeko ekitaldirik eginen duzue berriz? Bertso bazkariaren karietara, jadanik, Frantzia idatzia zen seinalean Euskal Herria ezarri genuen. Badira inguruan beste sinbolo batzuk muga hor dela finkatzen dutenak, zeinekin nahi genukeen zerbait egin. Besta eguna da, baina aldarrikapenak ere egin nahi ditugu: Euskal Herri bat eta bakarra garela, mugarik ez dela kokatzen hor, euskaraz bizi nahi dugula herrian, eta elkarrekin bizitzeko balioekin errespetuan. Eraso sexista, homofobo eta arrazisten kontrako protokoloa martxan jarri dugu. Izpegiko besten lehen aldia da. Xedetzat daukazue urte guziz egitea? Bai. Gero, ikusten dugu lan handia dela. Espero dugu lotuko direla beste batzuk ere, eta ikusiko dugu zer arrakasta duen aurten. Azkenean, eguna polita izanen da, baina lehenagotik ukan ditugun bilkura guziak ere politak izan dira. Hor da egiazko harreman sakona sortzen.
2023-9-23
https://www.berria.eus/albisteak/233084/osagarriaren-lurralde-zatitua.htm
Gizartea
Osagarriaren lurralde zatitua
EH Baik mahai ingurua antolatu du Mauleko ospitalearen geroaz hausnartzeko, Baionako ospitaleari lotua ikusi nahi lukeelako. Gomitatuak izan diren medikuek argi utzi dute erabaki politikoa litzatekeela Maule Baionari lotzea, arta zerbitzuengatik berdin litzatekeelako Paueri lotua izatea ere.
Osagarriaren lurralde zatitua. EH Baik mahai ingurua antolatu du Mauleko ospitalearen geroaz hausnartzeko, Baionako ospitaleari lotua ikusi nahi lukeelako. Gomitatuak izan diren medikuek argi utzi dute erabaki politikoa litzatekeela Maule Baionari lotzea, arta zerbitzuengatik berdin litzatekeelako Paueri lotua izatea ere.
Irailaren 9an, Zuberoako EH Bai alderdiko hautetsiek mahai ingurua antolatu zuten Mauleko ospitalearen geroaz eztabaidatzeko. Azken urte luzeetan, ospitalaren zuzendaritza egonkortzeko zailtasunak agerian izan dira: zuzendarien dimisioak, zuzendaririk atzeman ezina… Berriki, Paueko (Okzitania) ospitalearen zuzendaritzaren esku utzi zuen Maulekoa honen administrazioaren ardura duen zaintza batzordeak. EH Baiko hautetsi Beñat Elkegarairen erranetan, “Zuberoa Paueri atxikia da aspaldiko zatiketa baten ondorioz, baina ez du kontuan hartzen azken urteetako garapen instituzionala eta operazionala”, eta, ondorioz, ordu da, haren ustez, Mauleko ospitalea Baionak zuzentzen duen Euskal Kosta eta Nafarroa ospitale taldeari lotua izan dadin. Donibane Garazi eta Donapaleuko ospitaleetako bi mediku gomitatu zituzten mahai ingurura, baina azken horiek ez ziren bereziki ideia horren defendatzaileak. Donapaleun kasketa anitz ditu Arnaud Bourde medikuak: hautetsia, anestesista eta Donapaleuko ospitaleko zaintza batzordeko lehendakaria da. Erran duenez, EH Baik eskatzen duen bezala Ipar Euskal Herriko lurraldeak osasungintzan ere bat izatea “eskakizun logikoa da, politikoa den heinean”, baina “Paue edo Baionarekin egin daiteke arta sarea berdin-berdin”. 13.000 biztanle ditu Zuberoak, eta Paue edo Baionari lotua izateak ez lieke deus aldatuko Biarnoari ala Ipar Euskal Herriari, haren ustez: “Ez du eragin handirik osasun lurralde batentzat”. Denis Landaburu Donibane Garaziko ospitaleko medikuak ez du iritzirik eman Mauleko ospitalearen geroaz, profesional gisa iritzia ez emateko eskatzen baitzaio. Aldiz, Izpurako Luro klinika pribatua zena beste egitura batzuekin elkartu eta ospitale publiko gisa 2021ean Baionako ospitalearekin bat egiteaz eman du iritzia: “Talde horren barruan gu existitzen gara medikuntza mailan, eta kudeaketan ere bai. Pertsonen borondatea da hori hala izan dadin; ez dakigu ondoko zuzendaria nolakoa izanen den”. 2017an sortu zen Donibane Garaziko ospitale publikoa, zenbait egituraren fusiotik, eta orduz geroztik harremanetan izan dira Baionako ospitalearekin. Osagarritasuna lurraldean Bi medikuek azpimarratu dute Euskal Kosta eta Nafarroa Ospitale Taldean egitura desberdinak elkarren osagarri direla. Donibane Garazin, Landaburuk laburbildu duenez, “kirur gia desagertu zen, baina horren ondorioz ohe kopurua handitu da”. Mediku garaztarrak Donapaleuko kasuaz zehaztu du “hango maternitatea, adibidez, Baionakoarekin” ari dela; “batek egiten ez duena besteak egiten du. Baionak arazo konplexuagoak hartzen ditu bere gain, eta mediku berezituak igortzen ditu Donapaleura”. Mauleko ospitaleak talde horretan integratu behar balu, Bourderen ustez, “eskaintza graduatua izanen da; egonaldi luzeentzat, adibidez. Baina landu behar da, Donibane Garazirekin egin izan den bezala”. Arta zerbitzuen graduatzeaz Bourdek erran du “Baiona euskarria” dela. “Donapaleuk bere historiagatik badu xantza zerbitzu anitz ukaitea eta barnealdeko egitura garrantzitsua izatea; Donibane Garazi, berriz, Baiona eta Donapaleuko gehigarria da, kontsulta batzuekin”. Mediku amikuztarrak eta garaztarrak bat egiten dute antolaketa horretan giltza zuzendaritza bakarra dela erratean. Beste ospitale talde guztietan ez bezala, Euskal Kostako eta Nafarroako Ospitale Taldeak Baionako zuzendaritza bakarra onartu zuen. “Horri esker, gauzak ongi planifikatzen dira, eta ospitaleak ez dira lehian haien artean”, Bourderen ustez. Bi medikuek bat egin zuten, bestalde, medikuak erakartzeko diren zailtasunetan; Baiona eta oro har Lapurdiko kostaldea erakargarri badira, Landabururen erranetan; “Donibane Garazi jadanik Baionatik urrun da” alde horretatik. Hautetsiak azterketa eske EH Baik Mauleko ospitalea Baionatik hurbiltzen ikusi nahiko luke, osasungintzan ere lurraldeak hartu duen garapen instituzionalaren bidea har dezan eta Euskal Hirigune Elkargoaren eremuan sartzeko. Mahai inguruan, Jean-Marc Baranthol Zuberoako Poloko buruak ziurtatu du ondoko poloko bilkuran aipagaietan izanen dela, aztertzen hasteko “zer abantaila lukeen Mauleko ospitalea batekin edo bestearekin lotua izateak”, Paueko eta Baionako ospitale taldeetan lukeen lekua argitzen hasteko, gero hautu bat egin ahal izateko. Bi delibero gunek lukete, ororen buru, Mauleko ospitalearen loturen norantza finkatzeko ahala: ARS Eskualdeko Osasun Agentziak eta Mauleko ospitalearen zaintza batzordeak. Azken horren buru Louis Labadot Mauleko auzapezak ez du sekula interesik erakutsi Baionaren taldean sartzeko. Zuberoako hautetsiek hautu hori egiten badute, ARSrekin negoziatzeko engaiamendua hartu du Iñaki Etxaniz Pirinio Atlantikoetako Departamenduko diputatuak mahai inguru bukaerako mintzaldian: “Ene rola da etengabeko negoziazioan eta batzuetan konfrontazioan izatea ARSrekin; lurralde logikan, Maule Baionari atxikia izan behar litzateke”, baina lehentasuna ospitalearen “egonkortzea” da, haren ustez. Mahai inguruan ezin zuelako parte hartu, Jean-Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariak gutun bidez ezagutarazi die bere ikusmoldea solasaldiaren antolatzaileei. Azpimarratu du erabakitzeko ahalmena Mauleko ospitalearen zaintza batzordearen esku dela, baina, “lurralde koherentziari” atxikia izanik, gutun bukaeran iragarri du Zuberoako Poloaren iritzia entzun ondotik ARSri proposatuko liokeela “Zuberoako osasun lurraldea Euskal Kosta eta Nafarroakoari lotzeko egingarritasuna aztertzea”. Proposamen hori ofizialki egitera engaiatu da Etxegarai.
2023-9-22
https://www.berria.eus/albisteak/233085/barnealdean-urgentziak-tratatzeko-zerbitzu-eske.htm
Barnealdean urgentziak tratatzeko zerbitzu eske
Barnealdean urgentziak tratatzeko zerbitzu eske.
Datuak arrunt desberdinak dira Biarnon eta Ipar Euskal Herrian, nahiz eta biztanle kopurua berdintsua izan bietan: Pirinio Atlantikoetako Departamenduan 682.621 biztanle ziren 2019an, eta horietatik 312.754, Ipar Euskal Herrian —gorakada demografikoa izan du urtez urte—. Baionako ospitale taldeak eta Pauekoak ziurtatzen dute arta zerbitzu publikoa, baina Biarnon hiru ospitaletan badira SMUR Erreanimazio eta Urgentzia Zerbitzu Mugikorrak (Pauen, Orthezen eta Oluen), eta Ipar Euskal Herri osoarentzat, berriz, bakarra da: Baionan. Donapaleun ere zerbitzu hori izatea eskatu dute eremuan sar daitezkeen herrietako kontseiluek: Euskal Elkargoak dituen 158 herrietatik 135ek, hain zuzen. Zerbitzu mugikor horrek «ospitalea murruetatik kanpo» eramaten duela zehaztu du Arnaud Bourde Donapaleuko ospitaleko medikuak, eta gehitu suhiltzaileen zerbitzuaren osagarri dela SMUR bat, kasu batzuetan ezinbestekoa dena. Eskasia horren ondorioak latzak direla erran zuen Bourdek, Maulen irailaren 9an egin mahai inguruan: «Ezin da SMUR bat ezarri denetan, baina Donapaleuko ospitaletik kilometro batera gizon batek bihotzekoa ukan zuen pilotan aritzean, eta aterabide bakarra zen Ortheztik anbulantzia igortzea edo helikoptero bat deitzea, jakinez gauez ez dela pausatzen ahalko». Desberdintasunen kontra 135 herriko etxeek izenpetu mozio batean irakur daiteke Ipar Euskal Herriko «barnealdea lurralde bereziki ahula» dela «hil ala biziko urgentzien kudeaketan», zerbitzu hori ukan ezean. Salaketa bat ere plazaratu dute, Donapaleuko ospitalea delako urgentziak ukanik ere SMUR zerbitzurik ez duen bakarra departamendu mailan. Arrazoi horiengatik, eta zerbitzu horrek saihesten dituen ezbeharrak kontuan hartuz, hautetsiek ARS Eskualdeko Osasun Agentziari eskatu diote Donapaleun SMUR bat plantan ezartzeko baldintzak aztertzeko.
2023-9-25
https://www.berria.eus/albisteak/233086/100000-tona-hondakin-sortzen-dugu-arazo-larria-da.htm
Gizartea
«100.000 tona hondakin sortzen dugu; arazo larria da»
David Campion 2019an izendatu zuten Iruñerriko Mankomunitateko presidente, eta karguari eutsi dio orain EH Bilduk, independenteek, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak gobernu akordioa sinatu eta gero.
«100.000 tona hondakin sortzen dugu; arazo larria da». David Campion 2019an izendatu zuten Iruñerriko Mankomunitateko presidente, eta karguari eutsi dio orain EH Bilduk, independenteek, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak gobernu akordioa sinatu eta gero.
Hondakinen auzia “gelan dagoen elefantea” dela aitortu du David Campion Iruñerriko Mankomunitateko lehendakariak (Iruñea, 1969). 2019an hartu zuen kargua, eta bertze lau urtez eutsiko dio, EH Bilduk, independenteek, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak gobernu akordioa sinatu eta gero. PSN Iruñerriko Mankomunitateko akordiotik kanpo gelditu da. Zergatik? PSNrekin lan egin dugu azken lau urteotan, eta PSNrekin lan egiten segituko dugu. Ez dut zalantzarik. Berriz hautatu zaituzte mankomunitateko presidente. Hasitako lanarekin segitzeko denbora behar zenuen? Bai; hasitako proiektu anitz ditugu datozen urteotan garatzeko, eta eskertzen dut hori egiteko aukera izatea. Zer-nolako proiektuak? Hondakinak tratatzeko zentroko lanak, adibidez, hil honetan hasi ditugu. Lan handia egin dugu lau urteotan obrak martxan jartzeko. Orain, gainera, hurrengo urratsa zehazteko egin behar dugu lan. Hondakinak tratatu eta gero, zer egin erabakitzeko? Hala da. Hori oraindik ez dugu zehaztu. Hondakinak tratatzeko zentroarena aspaldiko proiektu bat da. Denbora kontra duzue? Europako Batasunak garbi du: 2035. urterako, hondakinen %10 baino ezinen da bota zabortegietan. Hondakinak tratatzeko planta erabat beharrezkoa dugu, hondakinik ez botatzeko tratatu gabe. Hori ari gara eraikitzen. Hurrengo urratsa egiteko premia ere badugu, noski; tratatutako hondakinekin zer egin erabaki behar dugu. Zer asmo duzue? Bide osoa dugu egiteko. Planta eraikitzea izan da orain arteko lehentasuna. Orain mahai bat osatuko dugu bertze mankomunitateekin, Nafarroako Gobernuarekin eta toki entitateekin, eta denon artean aztertu beharko dugu zer egin. Zer egin nahiko luke Iruñerriko Mankomunitateak? Gure asmoa da aukera guztiak aztertzea; Europako bertze hainbat tokitan zer egiten ari diren begiratuko dugu, eta kontsentsua bilatuko dugu lanean ari garen guztion artean. Hondakinena da mankomunitateko egungo arazo nagusia? Hondakinen auzia da gelan dagoen elefantea. Hitz egin dezakegu hamaika gairi buruz, baina urtean 100.000 tona hondakin sortzen dugu, eta horrek erran nahi du arazo hagitz larri bat dugula. Kopuru hori murriztea da lehen helburua? Hori egin beharko genuke, baina ez dago gure esku. Hondakinena erronka hagitz handia da, ingurumenean arazo hagitz larria eragiten baitu. Ekonomian ere badu eragina. Bai. Orain, hondakinak zabortegira botatzeagatik, berrogei euro ordaindu behar dugu tona bakoitzeko. Hau da, urtean lau milioi euro ordaindu behar dugu. Ez da gutxi. Batzuen eta bertzeen interesek zer pisu dute hondakinen auzian? Kontua da dugun sistema ekonomikoak hondakin anitz sortzen dituela. Interes anitz daude tartean, eta botere anitz duten enpresak. Presio talde hagitz boteretsuak daude, eta, horien eraginez, hondakinak sortzen eta sortzen ari gara. Iruñerriko Mankomunitateak zer egin dezake? Gauza anitz egin ditzakegu. Borondatea izatea da kontua. Egoera zaila da, baina ezin dugu ezkor izan. Lan egin behar dugu klima aldaketaren aurka, batetik, eta, bertzetik, egokitzen saiatu behar dugu. Gure esku dagoena egiteko prest gara gu. Zenbait arazo abantaila bilakatzeko aukera ere badugu. Zer erran nahi duzu? Petrolio merkea da globalizazioaren odola. Petrolio merkea amaitzen bada, globalizazio basati horri aurre egiteko gai izan gaitezke, agian. Hemen kontsumitzen ditugun tipulak, adibidez, ez daitezela Hego Amerikatik etorri. Tokikoak hartu beharko luke indarra? Jokaleku horretan, zer egin dezake mankomunitateak? Hiriek beti izan dute harreman estua inguratzen dituen lurraldearekin. Iruñerriko Mankomunitateak lan egin dezake bere eskualdean; 50 udal gaude mankomunitatearen barruan, eta haietako 30 baino gehiago gara landa eremukoak. Hiriaren eta herrion arteko harremana indartzen ahal dugu. Hondakinen kudeaketaz gain, ur hornidura ere bada mankomunitatearen zeregin. Klima aldaketako egungo jokalekuan, zein da erronka esparru horretan? Egia erran, mankomunitatearen egoera, urari dagokionez, pribilegiatua dela erranen nuke. Hiru iturri ditugu: Artetakoa, Eugiko urtegia eta Itoizkoa. Beraz, epe motzera, ur hornidura bermatuta dagoela erran dezakegu. Bertze abantaila bat dugu: ia ez dugula urik galtzen. Kontsumoak, gainera, behera egin du azken urteotan. Hiritarrei ezin diegu deus eskatu; ongi ari dira. Mankomunitateak badu zer hobetu? Ongi ari garela uste dut. Halere, hobetzen jarraitu behar dugu. Aurten, adibidez, udan utzi diogu Artetako ura hartzeari, ibaiaren emari ekologikoa bermatzeko. Bertze bi iturri ditugu; beraz, batek huts eginen balu ere, bertzea izanen genuke. Itoizko ura, halere, ez da batere merkea, ezta? Itoizko urtegia ez zuten egin Iruñerria hornitzeko. Ebroko Ur Konfederazioak, hasieran, ez zuen horretarako baimena eman ere. Azkenean, egin zuten akordio politiko bat, eta ezarri zuten ordaindu beharreko kanon bat. Zenbatekoa? Milioi bat euro ordaindu behar dugu urtean, Itoizko ura jaso ahal izateko. Garestia da. Orain arte, milioi hori ordaintzen ari ginen, ia urik kontsumitu gabe. Horregatik erabaki dugu udan Itoizko ura hartzea. Milioi hori ordaindu behar dugunez, erabiltzea erabaki dugu. Iruñerriko garraio publikoa ere bada zuen ardura. Zer asmo duzue arlo horretan? Pandemiak eragindako beherakadari buelta eman diogu. Pandemiarekin, hain zuzen, bidaiarien %90 galdu genituen. Iaztik, baina, bidaiarien kopuruak gora egin du etengabe, eta orain gure markak ontzen ari gara. Aurten, denera, 42 milioi bidaiari inguru izanen ditugu. Beti bada zer hobetu, noski. Finean, hiriak autoari egiten dio mesede. Erronketako bat da ibilbideak egokitzea. Billabesetako gidariek protesta egin zuten Iruñeko sanferminetan, eta autobusen mantentze lanak okerrera egin duela salatu zuten. Enpresaren ardura da; halere, ez dut uste mantentze lana txarra denik. Inoizko autobus flotarik berriena dugu. Orain zerbitzua adjudikatzeko prozesuan gaude.
2023-9-25
https://www.berria.eus/albisteak/233087/bilborentzako-ispiluak.htm
Gizartea
Bilborentzako ispiluak
Emisio gutxiko eremuak ezarritako hirietan, Pontevedran, kasurako, trafikoa asko murriztu da; Bartzelonan %30 apaldu da nitrogeno dioxidoa. Gaia hizpide izan dute Bilbon.
Bilborentzako ispiluak. Emisio gutxiko eremuak ezarritako hirietan, Pontevedran, kasurako, trafikoa asko murriztu da; Bartzelonan %30 apaldu da nitrogeno dioxidoa. Gaia hizpide izan dute Bilbon.
Utopia bat zirudien hasieran. Duela 30 urte, artean ez zela existitzen EGE emisio gutxiko eremuaren kontzeptua ere, Pontevedrako (Galizia) hirigunea berroneratzeko prozesua hasi zuten, ibilgailuen kopurua murrizteko. Jesus Fole de Navia hiri mugikortasunaren eta eraberritzearen adituak hartu zuen parte, besteak beste. Pontevedra utopiatzat zeukaten, baina orain eredu da bide beretik joan nahi duten hirientzat; tartean, Bilbo. Mugikortasunaren Europako Astean, EGEak Bilbon ezartzea babestu zuten hiriko Burtsa eraikineko mahai inguru batean. Fole de Navia izan zen hizlarietako bat, Silvia Casorran Bartzelonako metropolialdeko mugikortasun adituarekin eta Asuncion Rodriguez Montejano arkitektoarekin batera. Sara Sanchez Muñiz Tech Friendlyko arkitektoak moderatu zuen. Pontevedran, XX. mendearen azken bizpahiru urteetan hasi zen “aldaketa erradikala”, Fole de Naviaren berbetan. Orain, autoak nabarmen desagertu dira. Adituaren arabera, hiri osoko trafikoaren erdiak ihes egin du; barruko uztaian, %77koa da murrizketa; eta, erdigune historikoan, %97 gutxiago dira autoak. “Ez dakigu kotxe horiek nora joaten diren, baina desagertu egiten dira”. Igaroko trafikoa izan zuten jopuntuan hasieratik; hau da, aparkalekua topatzen egiten den hori; “hiriak duen trafikorik okerrena”, adituaren irudiko. Aldiz, helmugako eta beharrezko trafikoa lehenetsi zituzten. “Hiri batek garatzeko behar dituenak dira. Pontevedran, frogatu da beharrezko trafikoa oso apala dela”. Bartzelonako metropolialdean ere, antzekoa da ondorioa, Casorranen arabera. “Hirien barruan, kotxez gutxiengo bat mugitzen da. Normalean, beste aukerak egoten dira: Bartzelona jatorri edo helmuga duen trafikoaren %70 metroa duten udalerrietatik dator”. Kontrapuntua, Rodriguezek: eremu batean trafikoa mugatzen bada, arriskua dago inguruan pilatu dadin, kaltea lekualdatuz, desagerrarazi beharrean. Kontrakoa gertatzen da, ordea, Casorranen esanetan. “Zientziaren eta Bartzelonako esperientziaren arabera, ez da barrera efektu hori gertatzen”. Bartzelonan, hasieran, EGEen inguruko kaleetan trafikoak gora egin zuen apur bat, “baina, bi-hiru urteren ondoren, %20 jaitsi da, aparkatzeko aukera gutxiago dagoelako, eta autoarekin ibiltzeko leku gutxiago dagoelako, besteak beste”. Haren iritziz, aldaketak luzera begira aztertu beharko lirateke; gutxienez, sei hilabeteko tartea utzita. Tresna, ez konponbidea 2020an ezarri zituzten Bartzelonako metropolialdeko EGEak; bost udalerritan daude, zehazki, eta ehun metro koadroko zabalera hartzen dute guztira. Igarri dituzte ekarpenak, bai autoen kopuruan, eta baita, ondorioz, kutsaduran ere. “Hiru urtean, nitrogeno dioxidoa %30 murriztu da”, Casorranek zehaztu duenez. Emaitzak emaitza, arauak badu zer orraztua oraindik. Bartzelonan, egokitu egin dute. “Urtarrilean, moldatu egin genuen, errenta baxuagoa dutenekin eta jubilatzear daudenekin malguagoak izateko, haientzat zaila izan baitaiteke ibilgailu berri bat eskuratzea”. Horrenbestez, halako politikak kaltegarriak izan daitezke populazio zaurgarrienarentzat? Ezetz uste du Casorranek. “Bartzelonan, harremana dago ibilgailu pribatuaren eta errentaren artean: auzo aberatsenetan, auto gehiago dituzte jabetzan”. Dena dela, EGEak tresna dira, baina ez konponbidea bere horretan, Rodriguezek ohartarazi duenez. “Erdibideko fase bat dira, hiri osoak izan behar baitu emisio gutxikoa. Trafikoaren inguruko arauak uztartu behar dira, adibidez, eraikinak berroneratzeko planekin; izan ere, neguan, emisio gehienak berogailuek sortzen dituzte”. Estrategiok aurrera eramateko, hiru hizlariek ezinbestekotzat dauzkate bai konpromiso politikoa, baita hiritarren sentsibilizazioa ere.
2023-9-22
https://www.berria.eus/albisteak/233088/txalaparta-35-urte-literatur-apologian.htm
Kultura
Txalaparta: 35 urte literatur apologian
Txalaparta argitaletxeak 35 urte bete ditu, eta egoitza bat ireki du Iruñean. Orain arte Tafallan aritu dira batik bat.
Txalaparta: 35 urte literatur apologian. Txalaparta argitaletxeak 35 urte bete ditu, eta egoitza bat ireki du Iruñean. Orain arte Tafallan aritu dira batik bat.
35 urte bete dira Txalaparta sortu zenetik, eta argitaletxeak badu zer ospatua. Batetik, bidean eginikoak: plazaratutako liburuak, ehundutako sareak, bultzatutako ekinbideak. Bestetik, sorterritik 30 bat kilometrora beste etxe bat eraiki izana. Txalapartak Tafallan (Nafarroa) eman ditu jaiotzetik gaurdainoko egunak, «saltus eta ager vasconum eremuek bat egiten duten mugan», eta, hain zuzen ere, kideek aldi berri baten hasiera iragarri dute gaur, 35. urteurrena baliatuz. Egoitza bat zabaldu dute Iruñeko Kale Nagusian, eta liburu denda gisa ere funtzionatuko du. Kideek nabarmendu dutenez, Iruñeko egoitzak balioko du «komunitatetik gertu jarraitzeko eta topagune berri bat eskaintzeko». Azaldu dute horretarako aukera aparta dela «Euskal Herriaren bihotzean ere aritzea». Zehazki, argitaletxearen funts osoa eta beste askotariko zigiludun liburuak izanen dira. Txalapartak 2007an zabaldu zuen aukera beren online dendaren bidez Txalapartaz bestelako argitaletxe batzuen lanak eskuratzeko; orain, bertatik bertara ere egonen da hori egiterik. Astelehenetik ostiralera egonen da zabalik. Goizeko ospakizunean, Mikel Buldain argitaletxearen kudeatzaileak eta Garazi Arrula editoreak hartu dute hitza. Txandaka, Txalapartaren bidearen atzera begirakoa egin dute. Atzetik aurrera. «1984an, Tafallako kuadrilla batek erabaki zuen herriaren memoria historikoa bildu beharra zegoela. Altaffaylla elkartea sortu zuten, eta editatzeari ekin. Navarra 1936, de la esperanza al terror liburua plazaratu zuten, arrakasta izan zuen, eta huraxe izan zen Txalapartaren ernamuina», kontatu du Buldainek. Paperetara ekarritako hitzak Arrulak esplikatu duenez, Txalapartak 1.500 titulu baino gehiago argitaratu ditu –euskarazkoak eta gaztelaniazkoak aintzat harturik–. «Gainera, hiru milioi ale baino gehiago banatu eta zabaldu ditugu han-hemenka», erantsi du editoreak. Halaber, beste argitaletxe batzuekin dituzten harremanen erakusgarri, ehun liburu baino gehiago editatu dituzte beste batzuekin elkarlanean. Halaber, biek ala biek nabarmendu dute denborak aurrera egin izanak ez dituela lausotu sorreratik presente diren zenbait ezaugarri. «Lantegi eta sindikatu giroa dute argitaletxeen sortzaileek odolean, eta, hastapen horietatik, lan egiteko modu bat ezarri zen. Jasangarritasunarekin konprometitua, ekonomia solidarioa sustatuz, lankidetzatik eta ez lehiatik lan eginez, txikien arteko baturaz argitaletxe handiei aurre egiten ahal diegula erakutsiz», esplikatu du Arrulak. Argitaletxekoek iradoki dutenez, hizketaldi motz batean nekez bil daitezke Txalapartak plazaraturiko sinadura guztiak, baina lagin bat nabarmendu du Arrulak, bertakoak eta atzerrikoak azpimarratuta: «Marcela Serrano, Noam Chomsky, Gioconda Belli, Annie Ernaux, [...], Harkaitz Cano, Laura Mintegi, Joseba Sarrionandia, Irati Jimenez, Oier Guillan...», jarri ditu adibide. «Eta nola ahaztu konpainia txarrak», bota du Arrulak, irribarrez. «Gurean baititugu, adibidez, Salvador Allende, Gerry Adams, Angela Davis eta gure Lucio Urtubia maitea». Hala, 35 urteotako «apologia» egiten dutela nabarmendu dute Txalapartakoek. Argitaletxeak eginiko urteena, eta urte hauetan guztietan beren liburuetan bildu dituzten ideia eta auzi askorena. Hori azaltzeko, adibide errenkada luzea bota dute segidan, eta honela bukatu du zerrenda editoreak: «Eta artearen eta literaturaren edertasunarekin mundua aldatzen saiatu direnen apologia. Bai eta matxinadaren zakartasunaren saiatu direnena ere. Eta gure Euskal Herriaren apologia».
2023-9-25
https://www.berria.eus/albisteak/233089/oinezkoentzako-hiri-bat.htm
Gizartea
Oinezkoen(tzako) hiri bat
Bilbok badu jada Metrominutua, hiriko leku batetik bestera oinez joateko zenbat denbora behar den erakusten duen mapa. Alabaina, hiriaren plangintzak eta diseinuak distantziok luzatzen ditu sarritan: besteak beste, trafiko eta semaforo gehiegi dagoelako, edota oinezkoen bideak moztu egiten direlako.
Oinezkoen(tzako) hiri bat. Bilbok badu jada Metrominutua, hiriko leku batetik bestera oinez joateko zenbat denbora behar den erakusten duen mapa. Alabaina, hiriaren plangintzak eta diseinuak distantziok luzatzen ditu sarritan: besteak beste, trafiko eta semaforo gehiegi dagoelako, edota oinezkoen bideak moztu egiten direlako.
Bilboko Moyua plazatik Zabalburu plazara zazpiehun bat metro daude, eta bederatzi minutuan hel daiteke puntu batetik bestera, oinez; luzeagoa da ibilbidea Basurtuko ospitaletik Errekalde auzoko plazara, baina, hala ere, 22 minutuan egin daiteke; eta ordu erdi baino ez da behar Txurdinagako Europa parketik Abusuko Ibaieder parkera ailegatzeko. “Batzuetan, uste dugu gure hiriko toki esanguratsuak urrun daudela, eta hobe dela, motoz edo garraio publikoz joatea, eta ez oinez”, Ana Montalban Navas arkitekto eta Ciudades que Caminan (Oinez Dabiltzan Hiriak) erakundeko koordinatzaile teknikoaren esanetan. “Baina tokiak guk uste baino gertuago daude”. Oso agerikoa da hori Metrominutuetan: metroaren lineen mapen antzekoak dira, eta hiriko distantziak erakusten dituzte, horiek oinez zeharkatzeko behar den denborarekin batera. Bizkaian, Basaurik urratu zuen bidea, 2021ean; asteazkenean, Bilbokoa aurkeztu zuten. Funtsean, publizitate tresna bat da Metrominutua, hiritarrak kontzientziatu eta oinez egitera animatzeko baliabidea, Montalbanek azaldu duenez —Ciudades que Caminan izan da Bilbokoan parte hartu duten eragileetako bat—. Zentro bat ezartzen da, eta, horrez gain, beste 24 puntu identifikatzen dira; Bilbokoaren kasuan, Moyua jo dute erdigunetzat, eta, puntu gehienak hirigunean dauden arren, auzoak ere aipatzen dira: kasu baterako, Artxanda, Errekalde, Abusu, Deustu eta Txurdinaga. Alabaina, zerk baldintzatzen ditu denbora eta distantzia horiek? Bilbori dagokionez, zer-nolako hiria da oinezkoentzat? Dentsitatea: hamabost minutuko hiria Montalbanen berbetan, Metrominutuaren oinarrian hamabost minutuko hiria-ren kontzeptua dago; alegia, hiriak aukera eman behar du eguneroko beharrak asetzeko ordu laurden bat baino gutxiago iraungo duten lekualdaketetan, eta, handia bada, garraio publikoak bide eman behar luke zerbitzuok denbora tarte horretan bete ahal izateko. Hainbat gako daude distantziok luzatzen dituztenak. Batetik, hiria sakabanatuta badago, autoa erabiltzea saihetsezina bihurtzen da, ez baitago dentsitate nahikorik garraio publikoa ipintzeko. Bestetik, joan den mendetik hirigintzan indartsuen dagoen paradigmari jarraituz, hirietan zonifikazioa aplikatzen da; hau da, zerbitzu bakoitzari —bizitza, lana, aisialdia, merkataritza…— gune jakin bat esleitzen zaio. Hori horrela, etengabe lekualdatzen ibili beharra dago. Ikusi gehiago: Bilborentzako ispiluak Aldiz, hamabost minutuko hiriak dentsitatea du jomuga, baita erabileren —eta, hortaz, erabiltzaileen— aniztasuna ere. “Zerbitzuak auzoan baditugu, auzotik atera beharrik gabe molda gaitezke”, laburbildu du Montalbanek. Bilbori dagokionez, nahiz eta hiriak 300.000 biztanle baino gehiago eduki, konpaktua da, oro har, eta askotariko zerbitzuak uztartzen dira auzoetan, arkitektoaren arabera. Kalitatezko esparru publikoa Hiriaren diseinuak ere badu eragina oinezkoengan. Montalbanek nabarmendu duenez, esparru publikoaren ardatza pertsonek izan behar dute, eta kontuan eduki behar da haren funtzioa ez dela soilik lekualdaketa, bestelako ekintzetarako ere balio behar duela: besteak beste, egoteko, sozializatzeko, jolasteko, terrazarik ez dutenek airea edo eguzkia hartzeko, edota etxegabeentzako. “Mugikortasuna, edozein izanda ere, ezin da egon esparru publikoaren gainetik, nahiz eta mugikortasun jasangarriagoa izan —auto elektrikoa, adibidez—”. Aniztasun hori erdiesteko, “jendeak esparru publikoa erabili nahi izateko eta oinez ibili nahi izateko, kaleak erosoa eta atsegina izan behar du”. Adierazle “funtsezko” bat aipatu du arkitektoak: Espainiako Estatuan, “esparru publikoaren %70-75 autoei eskainita dago, hala zirkulazioan daudenei nola aparkatutakoei. Gainerako %25-30, beste funtzio guztiei”. Hiriek orekatuago egon beharko luketela uste du. “Banaketa anbiziotsuagoa izan liteke: %40 autoentzat, eta %60 gainontzeko funtzioentzat”. Bilbon, kale batzuk eta ikastetxe batzuen ondoko kaminoak oinezkoentzat egiteko lanen ondorioz, esparru publikoaren kalitateak gora egin du azken urteetan, Montalbanen iritziz. Hala ere, badago zer hobetua; adibidez, kale batzuetan trafikoa mugatu daiteke. “1960ko azterketek balio dute gaur egunerako: hiri batek funtzionatzeko behar duen trafikoa haren kaleen %20an egon liteke. Bizikidetzako kaleak egon litezke, non trafikoa ez den ezabatuko, baizik eta mugatuko: adibidez, kargara eta deskargara, bizilagunetara…”. Abiadura mantsoagoa, kale seguruagoak Kaleak seguruagoak izateak ere laguntzen du oinezkoak ugaritzen. Bilbon, hiri osoan abiadura orduko 30 kilometrora mugatu izana nabarmendu du Montalbanek. “Trafikoa lasaiago doa; horrek bizitzak salbatzen ditu”. Gako bera aipatu du Xabier Sueskun Bilbon Oinez elkarteko kideak ere. “Trafikoa mantsotzen bada, jendea lasaiago ibiliko da, ez baitu hainbeste arrisku ikusiko. Eta, istripuak gertatzekotan, larritasuna asko apalduko da”. Abiadura mugatzeak auto gutxiago egotea ere ekarri ohi du, Montalbanek azpimarratu duenez. “Beharrezkoa ez den trafikoa desagerrarazten du; eta, ezin badira hain azkar joan, batzuek nahiago dute ez erabili”. Ondorioz, kutsadura akustikoak ere behera egiten du, eta kaleak atseginagoak bilakatzen dira ibiltzeko, Sueskunen irudiko. “Zaratak estresa sortzen du”. Autoek lehentasuna: semaforo gehiegi Bilbon ibiltzen diren oinezkoentzako oztopo nagusiaz galdetuta, argi dauka Sueskunek: semaforoak. Distantziak nabarmen luzatzen dituzte, elkartekidearen irudiko. “Semaforo asko daude, eta ia ez dago oinezkoentzako pasabiderik edo zebra biderik. Gainera, itxaroteko bideak oso luzeak dira askotan”. Adibide bat jarri du: Areatzatik geltoki intermodalera, 20-25 semaforo egon litezke bidean, eta bakoitzean bizpahiru minutuz egon beharra dago zain. “Semaforoetako denborak laburtu beharko lirateke, eta zebra bideak egin, kotxeek itxaron dezaten. Leku batzuetan, nahiz eta galtzada oso laburra izan, semaforoa dago”. Badaude adibide positiboak ere, dena den. “Semaforo oso on bat dago Plaza Biribilaren eta Abandoko geltokiaren artean: denbora asko uzten du oinezkoentzat, eta autoei minutu eskas bat ematen die. Oso atsegina da handik pasatzea; nabaritzen da ezberdintasuna”. Halakoek oinez ibiltzea erraztuko lukete, Sueskunen ustez. Oztoporik gabeko kalea: oinezkoen sarea Kaleak jarraitutasuna izan behar du, eta lotuta egon behar dute hiriguneak eta auzoek, oztoporik gabeko ibilbideetan. Hala uste du Sueskunek, eta hala uste dute, orobat, Bilbon oinezkoentzako sarea bultzatzen ari diren eragileek ere. Oinezkoentzako gero eta kale gehiago dago, bai, baina, puntu batzuetan, zati horiek ez daude elkarri konektatuta; hortaz, moztu egiten da bidea. Zerk eraginda? Besteak beste, eragileen azterketaren arabera, terrazen gehiegizko kopuruak; mugikortasun modu berriek espaloiak erabiltzeak —patinete elektrikoek, kasurako—; hiriko altzarien gabeziak —hala nola bankuak eta komun publikoak—… Eta, era berean, baita espaloi estuek ere. Sueskunek azaldu duenez, San Ignazio auzotik Zazpikaleetara badago bidegorri bat eta oinezkoentzako bide bat, autorik eta semafororik gabe, esate baterako; eta, Atxuriko goiko partetik Abusura, badago oinezkoentzako bide bat, Los Caños pasealekua. Ordea, bi bideok ez daude lotuta. “Justu Atxuritik Zazpikaleetara, errepide bat dago, bederatzi metro zabal dena; espaloiek 1,25 metroko zabalera dute. Botila lepo bat da: jendea ezin da ibili”. Halakoak konpontzeko gura dute oinezkoentzako sarean, oztoporik gabeko ibilbideak bermatzeko, dagoeneko dauden kaleak aprobetxatuta, eta esku hartze gutxi batzuk planteatuta. Proposamenak ondu dituzte, eta Bilboko Udalari aurkezteko asmoa dute urte bukaeran edo datorren urteko urtarrilean.
2023-9-24
https://www.berria.eus/albisteak/233090/kaleak-ito-gaixotu-eta-hil-egiten-zaitu.htm
Gizartea
«Kaleak ito, gaixotu eta hil egiten zaitu»
Goiztiri elkartearen azken kontaketaren arabera, ehun etxegabe inguru bizi dira Barakaldon. Baliabide falta ikusita, Eguneko Arreta Zerbitzua ireki zuen elkarteak 2011n. Tania Diez teknikariak dio leku gehiago behar dela.
«Kaleak ito, gaixotu eta hil egiten zaitu». Goiztiri elkartearen azken kontaketaren arabera, ehun etxegabe inguru bizi dira Barakaldon. Baliabide falta ikusita, Eguneko Arreta Zerbitzua ireki zuen elkarteak 2011n. Tania Diez teknikariak dio leku gehiago behar dela.
Eustaten arabera, azken urteotan gero eta etxegabe gehiago daude, eta instituzioek eskaintzen dituzten baliabideak ez dira guztien beharrak asetzeko nahikoak. Barakaldon, zehazki, ehun etxegabe inguru bizi dira; Goiztiri elkarteak 2011n ireki zuen Eguneko Arreta Zentroak, ordea, 80 baino ezin ditu artatu. Elkartearen Gaueko Harrera Zerbitzuak are leku gutxiago ditu: guztira, 30. Herriarekin “lotura estua” dutenekin eta laguntza behar duten emakumeekin “diskriminazio positiboa” egiten duten arren, espazio, langile eta finantzaketa falta dutela salatu du Tania Diez Orol (Barakaldo, 1982) Goiztiri elkarteko Etxegabeen arloko teknikari eta hezitzaileak. Zergatik jarri zenuten martxan Barakaldoko Eguneko Arreta Zentroa? Eskaintzen genituen zerbitzuen bitartez konturatu ginelako etxegabeen kolektiboa oso zaurgarria dela eta artatzen ez genituela. Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuak kontsultatu eta Barakaldoko Udalaren onarpena jaso ostean, Eguneko Arreta Zentroa ireki genuen. Astelehenetik ostiralera zegoen hasieran zabalik, oso ordu gutxitan. 2018an lokala aldatu, eta erabaki genuen zentroa urte osoan irekitzea. Zein laguntza mota eskaintzen diezue etxegabeei? Lehen mailako arreta zentroa da, eta gizarte hezkuntza da gure lan metodoa. Hezitzaile eta integratzaileek harremanak sortzen dituzte etxegabeekin, eta, haiei entzuteaz gain, gizarte langilearenera edo medikuarenera laguntzen dituzte. Haien artean konfiantza sortzea da garrantzitsuena; horrela, errrazago onartzen dute eskaintzen diegun laguntza. Zenbat denbora geratzen dira Eguneko Arreta Zentroan? Larrialdi bati erantzuna emateko zentroa da, baina inbutu itxura hartzen du askotan: hona sartu eta hemen geratzen dira denbora luzez, bestelako baliabiderik ez dutelako. Errolda da gakoa: lanerako, formakuntzarako edota legeztatzeko ateak irekitzen dizkie. Barakaldoko Udalak, hain zuzen, errolda soziala ematen die hiru hilabetez herrian lo egin badute. Laguntza bila doazen etxegabeen profil zehatzik duzue? Europako Ethos tipologia erabiltzen dugu guk etxegabeen profilak zehazteko. Askotarikoak dira: bankuetan, kutxa automatikoetan edo ostatuetan lo egiten dutenak; dirua dutenean, logela bat ordaintzen dutenak; etxean askotariko indarkeriak jasan dituzten emakumeak; beste familia batzuekin etxe bakarra partekatzen dituzten familiak; 18 eta 30 urte bitarteko migratzaileak. Ezin ahaztu arazo kronikoak dituztenak: elbarriak, gaixoak, drogak kontsumitzen dituztenak… Beste elkarte batzuekin ere elkarlanean ari zarete. Sareak sortu nahi ditugu, pertsona berdinak artatzen ditugulako. Barakaldoko elkarteekin hilero egiten ditugu bilerak; Osasun Mentaleko eta Adikzioetako Zentroarekin eta Caritasen jantoki sozialarekin, esaterako. BesteBi elkarteko kideak gara. Etxegabe bati erasotzen diotenean, edo etxegabe bat hiltzen denean, protestak egiten dituzte. Irailaren 7an izan zen azkena, kutxa automatiko batean lo egiten zuen emakume baten heriotza salatzeko. Indarkeria handia dago kalean? Bai, eta emakumeen aurka, batez ere. Sexu indarkeria jasaten dute, eta, kalean babesa jasotzearen truke, erasotzen dieten gizonekin izaten dituzte harremanak; bertako gainerako gizonak baino hobeak direla sinetsarazten diete. Emakume etxegabeak direnez, gainera, misoginiaz beteriko aporofobia delituak jasaten dituzte. Emakumeentzako ostatu berezia zenuten zuek, baina finantzaketa faltagatik itxi zenuten. Zaila da emakumeak espazio mistoetan laguntza eskatzea, gune maskulinizatuak direlako. Haietako askok indarkeria jasan dute hona etorri aurretik, eta ez dira gizonen konpainian eroso sentitzen. Eguneko Arreta Zentroan haientzako bainugela prestatu dugu; lehorgailua edota ilea lisatzeko plantxak lasai erabil ditzaten, adibidez. Ez da nahikoa. Emakumeentzako soilik ziren sei ohe zituen ostatuak, eta bertan lan egiten zuten langile eta hezitzaileak ere emakumeak ziren. Arreta berezia jaso behar dute. Pertsonalizazioaren aldekoak zarete zuek? Etxegabeentzako espazio heteregeneo gehiago behar ditugu. Akordio politikoak, gainera, ezinbestekoak dira konponbide interinstituzionalak bideratzeko. Arlo sozialak bakarrik ezin du etxegabeen egoera aldatu. Eskaintzen ditugun zerbitzuak dibertsifikatu behar ditugu, eta pertsona bakoitzaren beharretara egokitu behar dugu. Zergatik? Ezerezean geratzen diren pertsona asko daudelako. Gaixotasun mental larriak dituzten etxegabeak daude, eta guk ezin ditugu lagundu, agresiboak direlako. Batzuetan, Gurutzetako ospitaleko psikiatria zerbitzura eramaten dituzte, eta izugarri hobetzen dira. Osakidetzak, aldiz, ez ditu erroldan sartu nahi, eta gizarte zerbitzuak ez dira haietaz arduratu nahi. Kalera itzuli behar dute orduan, eta hil egiten dira gorputza nekatu zaielako. Heriotza ohikoa da kalean bizi direnen artean? Kaleak ito, gaixotu eta hil egiten zaitu. Etxegabe asko hiltzen uzten dira, bizitzari aurre egin ezin diotelako. Kalea da horren arrazoia, baina gizarteak ez die bestelako konponbiderik ematen. Kalea utzi duten pertsonak ezagutzen ditugu, eta bizi izan zituzten egoerekin amesgaiztoak dituzte oraindik. Beldur-ikara diete kaleei, bortxaketei, erasoei, aurkituak izateari. Pertsona horiek laguntza psikologikoa behar izango dute bizitza osoan. Zenbat denbora iraun dezake behar bezalako baliabideak lortu eta kalea uzteko prozesuak? Kasuaren arabera. Batzuetan, Harrera eta halako proiektuek laguntza ematen digute, eta migratzaile gazteei etxebiziza bat eskaintzen diete hilabete gutxitan. Beste batzuetan, aldundiak bazterkeria, dependentzia edota desgaitasun ebaluazioak egin behar dizkie etxegabeei; halakoetan, bi urte igaro daitezke zeozer lortu arte. Ebaluazioak iraun bitartean eta toki espezializatuetara bidaltzen dituzten arte hemen geratzen dira gehienak. Inbutuan. Zer sentiarazten dizue lagundu duzuen norbaitek kalea utzi ahal izan duela jakiteak? Oso pozgarria da. Askotan eskerrak ematen dizkigute, eta guk haiei ematen dizkiegu. Jasan duten guztiagatik, kalean indartsu jarraitzeagatik eta amore ez emateagatik. Haiena da meritua. Guk bulego batean egiten dugu lan, eta, gero, etxera goaz. Edonori gertatu ahal zaion arazoa dela uste duzu? Bai, zalantzarik gabe. Etxebizitza izatea merkatuko kontua da; ordaindu ahal duenak etxebizitza du, eta ordaindu ezin duenak kalean egiten du lo. Guztiei gertatu ahal zaigu prestaziorik gabe geratzea edo langabezian egotea. Gaiaren inguruko informazioa eskaini behar diegu herritarrei hori guztia jakin dezaten, eta Hezkuntza, Osasun eta Etxebizitza sailak ere inplikatu behar ditugu. Intersekzionalitatea ezinbestekoa da konponbide bat aurkitu ahal izateko.
2023-9-24
https://www.berria.eus/albisteak/233091/iraurgin-baino-ardura-handiagoko-lanik-ez-dut-edukiko-inoiz.htm
Kirola
«Iraurgin baino ardura handiagoko lanik ez dut edukiko inoiz»
Jose Luis Zubizarreta 11 urterekin joan zen Azpeititik Valentziara, bakar-bakarrik, eta Azpeitia-Azkoititik Donostiarako saskibaloi bidea egin du orain, 62 urterekin. Proiektua biziberritu nahi du.
«Iraurgin baino ardura handiagoko lanik ez dut edukiko inoiz». Jose Luis Zubizarreta 11 urterekin joan zen Azpeititik Valentziara, bakar-bakarrik, eta Azpeitia-Azkoititik Donostiarako saskibaloi bidea egin du orain, 62 urterekin. Proiektua biziberritu nahi du.
Ordenagailu txiki bat da Jose Luis Zubizarreta Xubi (Azpeitia, 1961). Jokalari bati bizpahiru hitz esan hitzordura iritsi aurretik; elkarrizketan bi aldiz sakelakoa hartu eta Espainiako Saskibaloi Federazioko arduradunekin partiden ordutegiak adostu; klubeko langile ohi batekin daukaten arazo bat konpontzen saiatu… Eromen txiki horretan, ordubetetik gorako hitz-aspertu lasaia izan du kazetariarekin. Donostiako Guuk Gipuzkoa Basketeko kirol zuzendari berria da Azpeitia-Azkoitiko Iraurgi klubaren ikurretako bat dena. Saskibaloia, kantxak, baloiak… ahaztuta, nor da Jose Luis Zubizarreta Xubi? Loiolako [Azpeitia] baserritar bat naiz ni. 11 urte neuzkala baserria erre zitzaigun, eta Valentziara [Herrialde Katalanak] joan nintzen, bakar-bakarrik, artean mutil kozkorra nintzela, unibertsitate laboralerako beka bat jasota. Han erabat aldatu zen nire bizimodua; hara joan izan ez banintz, ez nintzatekeen hasiko saskibaloian. Gero, 16-17 urterekin hasi nintzen ni erdaraz pentsatzen. Zerekin topo egin zenuen Valentzian? 1972tik 1975era egon nintzen Valentzian, eta oso gogorra izan zen; egunero negarrez aritu nintzen lehen hiru hilabeteetan. Oso eskutitz gogorrak bidaltzen nizkion amari: “Semea sufritzen eduki nahi baduzu, hementxe eduki”, eta horrelakoak. Behin arrebak harrapatu ninduen telefonoz, eta amari bidaltzen ari nintzen eskutitzak zer demontre ziren galdetu zidan, ama lo egin gabe zegoela eskutitzengatik. Huraxe izan zen nire inflexio puntua; ordutik ez dut arazorik izan bizitzan, gaixotasuna salbu. Saskibaloian jokatzen zuen Gasteizko lagun bat egin nuen, eta orduantxe hasi nintzen ni ere saskibaloian. Valentziatik Eibarrera joan zinen gero. Beste aldarte batekin? Bai. Eibarren elkarrekin geunden denok; kanpokoak, berriak zirenak, ordurako kanpoan ibilita geundenak… Nagusi ginen gu, ordurako gaindituta baikeneukan kanpora joan eta gaizki pasatze horren trantzea. BBBa eta UBIa egin nituen Eibarren, 15 urtetik 18ra artekoak. Gipuzkoako ligan aritu nintzen jada, federatu gisa. Etxerako joan-etorrietan Azpeitian ere ikusten zenituen saskibaloian jokatzen, ezta? Loiolan kantxa bat zegoen, hormigoizko posteekin-eta, jesuiten atzeko aldean, eta oporretan baserrira etortzen nintzenean han ikusten nituen Josu Arregi-eta, Aguilas taldearekin Bilbon maila gorenean aritu zena. Haiek hasi ziren Azpeitian saskibaloia sustatzen; hark entrenatzen zituen mutil kozkorrak. Anaitasuna lehenengo, Lagun Onak gero… Arazoak sortu ziren, ordea; azkoitiarrek ez zituzten seme-alabak Azpeitira eraman nahi jokatzera, eta orduan erabaki genuen Iraurgi sortzea, 1980an. Saskibaloiarekiko pasioa ez zitzaizun familiatik iritsi zuri. Ez. Familian ez zegoen kirolaririk; baserrian, lana, besterik ez zegoen. Mutil kozkorretan, futbolean ibiltzen ginen, eta eskubaloian ere bai, Aita Julio apaizarekin. Eibarko azken urtean, berriz, kadete mailako nesken taldea entrenatzen hasi nintzen [15-16 urtekoak]. 17 urterekin itzuli nintzen Azpeitira, eta Iraurgi sortu genuenean entrenatzaile, zuzendaritzako kide, jokalari… izan nintzen, 1980tik 1989ra, ezkondu nintzen arte. Enpresaritza ikasketak egin nituen, eta 21-22 urterekin erakarri ninduen kirolak. Goi mailako entrenatzaile titulua ere atera nuen, baina erabaki nuen zaletasun gisa hartuko nuela saskibaloia. Tailer batean egiten nuen lan. Azpeitian zegoen tailerra? Bai, Irurena taldean. Azpeitiko ikastolan gimnastikako maisu ere izan nintzen, etxeko higiezinen enpresa batean ere bai, ELAn… Susto handi bat izan zenuen ELAn lanean ari zinela, ezta? Ikusmena galduta egon nintzen 2001ean eta 2002an, bai. Ikusten ez nuela gelditu nintzen gidatzen ari nintzela, Orioko zubian. Bilborantz nindoan, Adegiren terrenoetan pankartak jarri berritan, eta Donostiara begira gelditu zitzaidan autoa. Urtebete baino gehiago pasatu nuen antsietatearekin. Iraurgin jokalari, entrenatzaile eta zuzendaritzako kide izan zinela esan duzu, baina baita esatari, DJ, maskota… ere! Bai… Tokatzen diren kontuak dira horiek, eta arazorik gabe egin izan ditut denak. Nolako jokalaria zinen zu? Antolatzaile moduan ibili nintzen batzuetan, baina eskolta postuan aritu nintzen gehienean. Ez neukan fisiko oso onik, salto ere ez nuen gehiegi egiten… Defentsan saiatzen nintzen beti. Egia esan, urte onak izan ziren 1983tik 1990era artekoak. Iraurgin ez zinen bakarrik ibili, anaia ere lehendakari izan baitzen tarte batean. Josu Arregik esan zidan anaiari esateko ea presidente izan nahi zuen; baiezkoa eman zuen, eta hura izan zen lehen presidentea, bai. Baserrian haserre neuzkan anaia zaharra, aita eta denak. Uste dut handik alde egiteko hasi nintzela entrenatzen. Iraurgin bertan gogotik lan egindakoa zara zu emakumeen saskibaloiaren alde ere. Bai… Neskak entrenatzen hasi nintzen, baina sekula ez da izan diskriminazio positiboagatik. Natural egin izan dut dena. Urte onak bai, baina apalagoak ere izan ditu Iraurgik. Krisi larria izan zenuten 2001ean, ezta? Kluba desegiteko bilera batera deitu nuen 2001ean, bai. Hiru talde geneuzkan, eta ezin eramanda genbiltzan. Desastre hutsa zen dena. Hiru lagun geunden orduan klubean, eta hirurok bakarrik ezingo genuela dena desmuntatu iritzita deitu nuen bilera batera. “Kito!” esan genuen. Baina bilera horretatik hasi ginen klubaren 25. urteurrena antolatzen. Bilerak egiten hasi, berrindartu, jende gehiago inguratu, talde gehiago sortu, taberna ireki, liburu bat egin… Horrela berrindartu ginen. Ez dira ez bat eta ez bi zure klase partikularrak hartutakoak. Entrenamendu gogorrak, zorrotzak omen ziren, eta musu truk. Gogor edo zorrotz fama hori daukat, eta tira… Entrenamendu pertsonal asko egindakoa naiz, bai. “Zorrotza” zarela azpimarratu dute batzuek, eta “egoskorra” zarela beste batzuek. Egoskor fama handia daukat, eta nola esango dut ba nik ez naizela? Nahiko temosoa naiz, bai. Egin behar dudala pentsatzen badut, egin egingo dut. Baina gauza bat defendatzeko ez dakit hainbesteraino egoskorra naizen. Askotan ez nago oso ados nire famarekin. Zorrotza… baita seme-alabekin ere? Bai. Hiru guraso mota daude: besterik gabekoak; norbere seme-alabekin ez, gainerakoekin zorrotzak direnak; eta gainerakoekin ez, norbere seme-alabekin zorrotzak direnak. Azken klase horretakoa naiz ni. Bi seme-alaba gazteenak [Aitor eta Maite, bikiak] ez ditut gehiegi entrenatu izan, baina zaharra [Imanol], asko, eta oso gogor egiten nion hari, gogorregi. Gogoan al daukazu semeetako batek eskolatik 5,5eko edo 6ko nota etxera eraman, beldurrez zuri ezer esan ez, entrenamendura joan eta entrenatzen utzi ez zenionekoa? Ez… Ez naiz gogoratzen, eta ez dut uste hala izango zenik. 5,5ean eta 6an ez, 4,9an ibiltzen zen hura [Aitor semea], beti langari emanez, ahaleginaren ekonomia aplikatuz. Batzuetan goitik eta besteetan behetik. 5,5 eta 6? Ez, ez! Gogoan izango duzu Aitor semeak AEBetatik etxera bueltatu nahi zuela esanez deitzen zizunekoa ere, ezta? Amari ez esateko erantzuten omen zenion zuk. Nik ez nion esan amari halakorik ez esateko, baina argi utzi nion esanez gero bizpahiru aste geroago etxean egongo zela. Hala nahi bazuen, esateko lasai. Bestela, egunero nirekin hitz egiteko esan nion, egunero aurkituko genuela aurrera egiteko heldulekuren bat. Gipuzkoa Basketen, Aitor semea ondoan daukazu berriz ere. Nolabaiteko deserosotasunik senti dezakezue egunerokoan? Aitorren kontratua berritzeko asmoa bazuten, ni fitxatu aurretik berritzeko eskatu nien. Hortik aurrera, kantxan irabazi beharko du hurrengo kontratua. Kapitain bezala, Xabi Orozekin hitz egingo dut nik sarri, eta beharrezkoa den distantzia egongo da Aitorren eta bion artean. Etxekoek zer esaten dute zure bizimoduari buruz? Beti esan izan diot emazteari gizon desberdina tokatu zaiola. Asteburu gutxi eduki ditut jai; inoiz ez dut eduki zortzi orduko lanik, baina saiatu naiz oreka lortzen. Tarte txiki batzuk hartzen dituzue bizikletan-eta ibiltzeko… Bai. Atzo [joan den igandean] azkena, Aratz Errekara [Azpeitia]. Bizikleta elektrikoarekin? Ez, ez. Aratz Errekara joateko, oraindik ez dugu behar. Lan konturik ez daukadanean, familiaren oreka mantentzen saiatzen naiz beti; emaztearena orain, bakarrik gelditu baikara etxean. Orain arteko partidarik garrantzitsuena ere irabazi zenuen 2010ean: minbiziarena. Gogorra izan zen hasiera; diagnostikoa eta kimioarekin hasi aurreko tartea. Maila onean harrapatu ninduen, hala ere. Irailaren 1ean hartu nuen lehenengo kimio sesioa, eta 2021eko apirilaren 20an azken erradio sesioa. “Xubi, hi lasai, belar txarra nekez galtzen duk, eta urte askoan biziko haiz hi!” esan zidan lagun batek. Gipuzkoa Basketeko kirol zuzendaria. Ohitu al zara jada? Bai. Iraurgin baino ardura handiagoko lanik ez dut edukiko inoiz. Inoiz ez nuen pentsatuko proiektu hau Illunbe betetzera iritsiko zenik, eta 2012an, esaterako, izugarrizko giroa sortu zen hemen. Baina, kanpotik begiratuta, elitismo kutsua nabaritzen nion proiektu honi, eta elitismoak emaitza onekin bakarrik balio izaten du; ustelduz joan da pixkanaka. Ea orain lortzen dugun erakargarria den zerbait sortzea. Iraurgin erreleboa emanda onartu nahi zenuen Gipuzkoa Basketen eskaintza, ezta? Bai. Nik han jarraitu izan banu, ardura guztia niri utziko zidaten berriz ere. Orain ere ia egunero egoten naiz haiekin, gertu nago, baina errelebo bat nahi nuen [Ibon Guridik ordezkatu du Iraurgiko kirol zuzendari gisa]. Illunbe. Nola konpondu kantxaren hoztasuna? Bazkide kanpaina latza egingo dugu, proiektua biziberritzeko. Taldeak grina handia dauka, eta horretan ez dugu huts egingo. Emaitzarik ez dut aginduko, oso talde onak daudelako, baina den-dena emango dugu beti. Bestela, zer egin behar dugu, Gascara joan? Gasca beteko dugu, baina zertarako? ACB ligara igotzeko? 1.900 bazkideko babes batekin igo behar dugu? Hemen arazoa da Reala bakarrik dagoela modan.
2023-9-23
https://www.berria.eus/albisteak/233092/badauzkat-5000-urte-dauzkaten-jokoak.htm
Bizigiro
«Badauzkat 5.000 urte dauzkaten jokoak»
Irakaslea da ofizioz Patxi Angulo, baina munduko joko klasikoak biltzea du afizio. Londresera egindako bidaia batean hasi zen ideia gorpuzten, eta Jokoenea, munduko jokoen museoa sortu zuen 2018an. Bost urte bete ditu.
«Badauzkat 5.000 urte dauzkaten jokoak». Irakaslea da ofizioz Patxi Angulo, baina munduko joko klasikoak biltzea du afizio. Londresera egindako bidaia batean hasi zen ideia gorpuzten, eta Jokoenea, munduko jokoen museoa sortu zuen 2018an. Bost urte bete ditu.
Ia oharkabean hasi zen Patxi Angulo (Pasai Antxo, 1960) mundu guztiko joko klasikoak biltzen, eta “mila baino gehiago” dauzka jada pilatuta Jokoenea munduko jokoen museoan, Donostiako Antigua auzoan. Nahi duenak zabalik ditu ateak, lasai ederrean inguratu eta, euskaraz, jokoen bidez mundua ezagutzeko. Jokoenea, munduko jokoen museoa. Nondik nora sortutako egitasmoa da? Aspaldikoa da ideia. Jokoak erosten hasi nintzen pixkanaka, beste batzuk oparitu egiten zizkidaten… Inolako asmo berezirik gabe hasi nintzen biltzen, baina 1998an Londresera joan nintzen, eta kalitate handiagoko jokoak ikusi nituen han. Jendeak jokoak gorde egiten zituela ikusi nuen, azoketan ere saltzen zituztela… Londrestik bueltan jada mundu osoko jokoen bilduma bat egitea erabaki nuen. Horrela sortu zen ideia. Ideia izatea gauza bat da, eta gauzatzea beste bat. Londresen ikusi nuen jendea pubetan oso lasai egoten dela, bakoitza bere txokoan, garagardo batekin… Horixe bera egin nahi nuen nik ere: txoko bat, jokoekin, kafe bat edo garagardo bat hartzeko prestatuta… Museo eta kafetegiaren proiektua etorri zitzaidan burura hasieran, baina museo bat jartzea erabaki nuen azkenean. Zenbat joko dauzkazu guztira? Katalogoa eginda daukat, eta, tira, mila baino gehiago dira jada. Joko klasikoak dira; modernoak, baina klasikoen antzekoak. Hau da, hemen ez dago rol jokorik edo istorio oso luzeko karta jokorik. Xakea, damak… estilo horretakoak dira gehiago. Ateak zabalik daude nahi duenarentzat, ezta? Bai, bai. Lokal honetan, batetik, museo bat dago, gauzak ikusteko eta informazioa jasotzeko; eta, bestetik, ikasitakoa praktikan jartzeko mahai bat dago, jokorako. Atea irekita badago, sarrerarik ordaindu gabe sar daiteke eta jokoak aukeratu. Eurek jokatu behar dute, hori bai; euren ekimena izan behar du. Jokoak eta jolasak haurrekin lotzen dira gehienetan, baina, begiratu batera, zureak ez dira haurrentzako jokoak bakarrik. Ez. Joko hauek ez dira haurrentzako. Berez, hemen gazteak sartzea da helburua; 10-12 urtetik aurrerakoentzat oso egokia da gune hau. Haurrak ere sartzen dira eta aritzen dira joko batzuetan, baina askotan ezinezkoa izaten dute, zailtasunagatik. Gurasoak ez dira sartzen normalean, eta pena da. Horrez gain, zehaztu gabe dago, baina euskara hutsean dago dena; euskaraz aritzea da helburua. Gaur egun gehienei kostatu egiten zaie jokoetan aritzea? Ikusi egin beharko zenuke haurrak lokalean zein lasai sartzen diren; ez dira urduri egoten, ez dute sakelakorik behar izaten… Oso giro lasaia egoten da. Museoa bera bai, baina webgunea ere badauka proiektuak: Jokoenea.eus. Nola funtzionatzen du zure egitasmoak? Nire ideia da gauza presentzial bat egitea, eta ez Interneten jokatzea; horretarako badaude enpresak. Hemen [lokalean] elkartzea eta jokatzea da asmoa; printzipioz, joko hauek ez dira etxera eramatekoak. Webgunean, berriz, museoko joko guztien katalogoa eta joko bakoitzari buruzko informazioa dago: bakoitzaren historia eta arauak. Jokoak bakarrik ez, jokoei buruzko liburuak ere badauzkazu museoan. Jokoei buruzko ehun liburu baino gehiago dauzkat, jokoen historiari buruzkoak, jokoen garapen psikologiko eta matematikoei buruzkoak… Hortik ateratzen dut informazioa webgunerako. Badago bereziki txunditu zaituen jokoren bat? Zaila da bat esatea, baina badauzkat 5.000 urte dauzkaten jokoak, Egipto eta Mesopotamia inguruko indusketetan lortutakoak. Oso bitxiak dira. Kopiak dauzkat nik. Bidaiatzeko beste modu bat da jokoena. Zein herrialdetara iristea falta zaizu? Asko falta zaizkit, asko. Buruan ditut, adibidez, Eskandinaviako bizpahiru joko; Pazifiko inguruko irletan dauden jokoak, berriz, oso ezkutukoak dira, eta zaila da informazioa lortzea; museoetan dauden beste hainbat joko… Hainbat jarduera ere egin izan dituzue, Euskaraldiaren testuinguruan, esaterako, ezta? Saiatu izan gara, baina ez dute izan arrakastarik. Auzoan partxis txapelketa bat antolatu genuen iaz, adibidez, eta inor ez zen etorri. Ibai ikastola, Santo Tomas lizeoa, Jakintza, Luberri… horiekin saiatu nahi dut orain mugimendu pixka bat sortzen. Zer mezu bidaliko zenieke haur eta gazteei? Hemen joka dezaketela lasai asko, eskolatik kanpoko eremu batean, euskaraz. Eta haur horien gurasoei? Seme-alabekin etortzeko eta eurekin jokatzeko. Plazan korrika ibiltzea da errazena, futbolean jokatzea edo sakelakoa hartzea; ondo dago ariketa fisikoa egitea, beharrezkoa da, baina etor daitezela museoa ezagutzera.
2023-9-22
https://www.berria.eus/albisteak/233093/errespetuzko-tentsioa-no-me-llame-ternera-n.htm
Kultura
Errespetuzko tentsioa ‘No me llame Ternera’-n
Prentsarentzako estreinaldia izan da gaurkoa, eta, haren inguruan polemika egon bada ere, lasai joan da proiekzioa. Errespetuzko tonua gailentzen da elkarrizketan une oro, baina ez dira gutxi tentsio uneak. Ez da txalorik egon amaieran. Bihar eta etzi bina emanaldi izango dira jaialdian.
Errespetuzko tentsioa ‘No me llame Ternera’-n. Prentsarentzako estreinaldia izan da gaurkoa, eta, haren inguruan polemika egon bada ere, lasai joan da proiekzioa. Errespetuzko tonua gailentzen da elkarrizketan une oro, baina ez dira gutxi tentsio uneak. Ez da txalorik egon amaieran. Bihar eta etzi bina emanaldi izango dira jaialdian.
Azken asteetako polemikaren ondotik, gaur goizean aurkeztu dute No me llame Ternera filma, Donostiako 71. Zinemaldiaren lehen egunean. Kursaaleko areto txikian izan da, prentsarentzako emanaldian, eta hainbat komunikabide bildu dira amaieran filma ikusi dutenen iritziak biltzera. Ordu eta berrogei minutu ditu lanak, eta Josu Urrutikoetxea (Ugao, Bizkaia, 1950) ETAko kide ohi eta ETAren ordezkari izandakoari egindako elkarrizketa da haren bizkarrezurra. Jordi Evole kazetariak egiten dizkio une oro galderak Urrutikoetxeari —Evole eta Marius Sanchez dira zuzendariak, Del Barrio ekoiztetxeko kideak—, eta estu hartzen saiatzen da zenbait puntutan, batik bat hilketa kasu ezagunen aurrean. Urrutikoetxeak behin baino gehiagotan esaten du «benetan sentitzen» duela, eta «ETAren akatsak» izan zirela horietako zenbait. Berak ez duela inoiz inor hil eta ez dela inoiz ETAko zuzendaritzako kide izan, garbi esan ditu biak Urrutikoetxeak, eta ETAren parte izan denean, haren ibilbideareren ardura bere gain hartzen duela ere aipatu du. Errespetuzko tonua gailentzen da elkarrizketan une oro, baina ez dira gutxi tentsio uneak. Ikusi gehiago: Josu Urrutikoetxea: «Gure gatazka politikoan tresna izan beharko luke komunikazioak» Urrutikoetxearen militante ibilbidean hiru etapa bereizten badira —1971-1989 artean ETAko militantea zela klandestinitatean (1968an sartu zen ETAn); 11 urte preso; eta 2002tik aurrera konponbidearen aldeko lanean—, batez ere, lehen bi etapa horietan ETAk egindako ekintzen inguruan galdetzen dio Evolek —Hipercorrekoa, Zaragozakoa, Vicekoa eta Miguel Angel Blancorena, besteak beste—. Azken etapari buruz ere galdetzen dio pelikularen hasieran eta amaieran, modu laburragoan. Urrutikoetxeak esaten du jardun armatuaren bukaera (2011) bere ustez lehenago iritsi behar zela, eta pentsatzen zuela agian 2005ean iritsiko zela. Urrutikoetxeaz eta Evolez gain, beste pertsona bat ere ageri da kamera aurrean: Francisco Ruiz ETAren bikitma. 1976an ETAk Victor Legorburu Galdakaoko (Bizkaia) alkatea hil zuenean —otsailaren 9an—, hura babesten zuten bi udaltzain ere zaurituak izan ziren, eta horietako bat da Ruiz. Urrutikoetxea ez zuten eraso harengatik auzipetu —ETAko beste hiru kide bai—, eta kasu hura itxi egin zuen Espainiak, 1977ko Amnistia Legeagatik. Dokumentalean, Urrutikoetxeak aitortu du atentatu harekin zerikusia izan zuela. Ruizek ematen dio pelikulari hasiera eta bukaera, eta tartean ikusten da Urrutikoetxeari egindako elkarrizketa. Amaieran, Ruizek eskertzen du Urrutikoetxeak ematea ezagutzen ez zituen jakingarriak, baina ez du uste damua azaltzen duenik, eta nahiko luke argitu gabe dauden ETAren 330 hilketak argitzeko informazioa ere ematea taldeko kide izandakoek. Prentsarentzako estreinaldia izan da gaurkoa, eta bihar eta etzi bina emanaldi izango dira jaialdian. Ondoren, Netflix telebista plataforman eskainiko dute; oraindik ez dute datarik zehaztu. Elkarrizketa iazko udaberrian grabatutakoa da, Lapurdin. «Zentsura» saiakera Polemikaz inguratua egon da filma. Artean lana ikusi gabe, filma ez emateko eskatu zuten bostehun lagun pasak gutun baten bidez. Baina eskaera ez du aintzat hartu Zinemaldiak; Jose Luis Rebordinos jaialdiko zuzendariak adierazi du «zentsura» litzatekeela halakorik egitea. «Hitzari ez zaio beldurrik izan behar; hitza ematea ez da arrazoia ematea», esan zion BERRIAri. Ikusi gehiago: Uzta oparotik, aukera sorta bat Urrutikoetxeak berak ere hartu du hitza BERRIAn. Esan du ez dela «espero zuen emaitza». Elkarrizketarako eskaintza egin ziotenean, «proiektu anbiziotsu» bat zegoen atzean, Urrutikoetxearen esanetan, eta «gero erori egin zen». Bere helburua gatazka politikoaren jatorria azaltzea izan zela esan du, eta, batez ere, «hari politikoa» hartu duela falta Evole eta Sanchezen lanean: «Niretzako falta dena da hari politiko hori. Uste dut testuingurua jartzea falta zaiola, eta azaltzen dena da gertakizun, ekintza gogor batzuen aurrean nire iritzia». Dena den, esan du ez dela haien lanean sartuko, «nik beste ikuspegi bat daukat eta beste ideia bat lan horri buruz, baina errespetu osoz esaten dut hori». Filma hasi aurretik, Voxek, Urrutikoetxearen aurkako orri bat zabalduz, elkarretaratzea egin du Kursaalaren atarian. Dozena erdi bat lagun bildu dira.
2023-9-22
https://www.berria.eus/albisteak/233094/auzitegi-nazionalak-30-urteko-espetxe-zigorra-ezarri-dio-mikel-karrerari.htm
Politika
Auzitegi Nazionalak 30 urteko espetxe zigorra ezarri dio Mikel Karrerari
Gimenez Abad PPko politikaria hiltzea egotzi dio epaimahaik, De Prada epailearen boto partikularrarekin; absoluzioaren alde egin du. Auzi berean, Itsaso Zaldua absolbitu dute.
Auzitegi Nazionalak 30 urteko espetxe zigorra ezarri dio Mikel Karrerari. Gimenez Abad PPko politikaria hiltzea egotzi dio epaimahaik, De Prada epailearen boto partikularrarekin; absoluzioaren alde egin du. Auzi berean, Itsaso Zaldua absolbitu dute.
Espainiako Auzitegi Nazionalak 30 urteko espetxe zigorra ezarri dio Mikel Karrera Sarobe euskal presoari, Aragoiko PPko presidente Manuel Gimenez Abaden hilketa egotzita. Ebazpena, baina, ez dute aho batez onartu. Jose Ricardo de Prada epaileak Karreraren absoluzioaren alde egin du, haren aurkako frogen «oinarri» faltagatik. Auzi berean, epaimahaiak Itsaso Zaldua absolbitu du. Fiskaltzak zein akusazio partikularrak eskatutako zigor eskaerarekin bat egin du epaimahaiak, eta, Efe albiste agentziak jakinarazi duenez, espetxealdiaz gain, bost urtez Zaragozara (Espainia) hurbiltzeko debekua ere ezarri diote, kalte ordainaz gain. ETAk 2001eko maiatzaren 6an hil zuen Gimenez Abad. Auzia hainbat urtez itxia egon zen, 2014an politikariaren semeak adierazi zuen arte Karrera izan zela egilea, haren argazki bat ikusi ostean. Haren esanak izan dira Karrera Saroberen aurkako frogen muina, polizia txostenekin batera. De Pradak, ordea, bere boto partikularrean azaldu du Poliziaren txostenak «iritzi judiziala orientatzeko» erabili daitezkeela, baina ez hura ordezkatzeko. Lekukoek egindako identifikazioei dagokionez, adierazi du ez direla izan «behin betikoak», ezta Gimenez Abaden semearena ere; besteak beste, «hamahiru urte beranduago» egina delako. Ordurako, zenbait hedabidek Karrera Saroberi egotzia zioten hilketa, poliziak zabaldutakoan oinarrituta, «kontrol judizialik gabe, eta akusatuaren defentsaren presentziarik gabe». Karrerak, berriz, ukatu egin du ekintza hartan parte hartu izana, argudiatuta egun hartan Senperen (Lapurdi) eginiko Herri Urrats jaialdian izan zela. Zenbait testiguk hark esanak baieztatu zituzten epaiketan, baina epaimahaiak ez ditu sinesgarritzat hartu, besteak beste, «akusaturekin lotura bat» dutelako eta haren «inguru erradikal berekoak» direlako. Zalduaren kasuan, epaimahaiak ebatzi du haren kontrako frogak ez direla «nahikoa», eta testigu batek eginiko identifikazioak «zalantza handiak» utzi dituela. Era berean, azaldu dute ez dagoela baieztatzerik ETAren Basajaun komandoko kide zenik, ezta komando hark gauzatu zuenik ere ekintza hura. Karrera bizi osoko espetxe zigorra betetzen ari da Lannemezango espetxean (Okzitania). Zaldua, berriz, epaiketa amaitzearekin batera utzi zuten aske. Ebazpena errekurritu daiteke.
2023-9-22
https://www.berria.eus/albisteak/233095/aurrerantzean-euskarabideak-kudeatuko-du-musikariak-ikastetxeetan-programa.htm
Kultura
Aurrerantzean Euskarabideak kudeatuko du Musikariak Ikastetxeetan programa
Nafarroako Hezkuntza Departamentuarekin sinatu dute hitzarmena.
Aurrerantzean Euskarabideak kudeatuko du Musikariak Ikastetxeetan programa. Nafarroako Hezkuntza Departamentuarekin sinatu dute hitzarmena.
2023-2024 ikasturtetik aurrera Euskarabidea institutuak kudeatuko du Musikariak Ikastetxeetan programa. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak joan den ekainean erabaki zuen programa bertan behera uztea. Handik egun gutxira, ordea, programari eutsiko ziotela jakinarazi zuten. Argitu beharreko galdera asko geratu ziren orduan programaren kudeaketaren gainean, baina, azkenean, gaur goizean sinatu dute hitzarmena Euskarabideak eta Nafarroako Hezkuntza Departamentuak. Bi helburu nagusi lortu nahi dituzte hitzarmenaren bitartez: euskararen erabilera sustatzea, batetik; eta Euskararen Adierazle Sistema datu soziolinguistikoz hornitzea, bestetik. Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuak 2018an abiatu zuen Musikariak Ikastetxeetan programa, 14 eta 18 urte bitarteko ikasleen artean euskara eta kultura bultzatzeko helburuarekin. Emanaldi horietan, kontzertu txiki bat emateaz gain, sortzaileak euskal kulturaren inguruan mintzatzen zitzaizkien gazteei. Amaieran, galderetarako tarte bat ere uzten zen, ikasleekin hartu-eman zuzena sustatzeko helburuarekin. Aitzindari izan zen egitasmoa Euskal Herrian, eta egitasmoak Nafarroan izandako harrera ikusita, Eusko Jaurlaritzak proiektua Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetara hedatzea erabaki zuen 2021. urtean.
2023-9-22
https://www.berria.eus/albisteak/233096/nafarroako-vwen-etsi-egin-dute-baterien-lantegiaren-aferan-eta-itunean-jarriko-dituzte-indarrak.htm
Ekonomia
Nafarroako VWen etsi egin dute baterien lantegiaren aferan, eta itunean jarriko dituzte indarrak
Langile batzordearentzat, «hutsegitea» da bateriak muntatzeko fabrika Landabenetik at egotea. Datozen bi urteetan espero den pattalaldiari begira, enpleguari eutsi nahi dio hitzarmen berriaren negoziazioan.
Nafarroako VWen etsi egin dute baterien lantegiaren aferan, eta itunean jarriko dituzte indarrak. Langile batzordearentzat, «hutsegitea» da bateriak muntatzeko fabrika Landabenetik at egotea. Datozen bi urteetan espero den pattalaldiari begira, enpleguari eutsi nahi dio hitzarmen berriaren negoziazioan.
«Iristen zaizkigun albiste guztiak ildo horretan doaz», aitortu zuen atzo Alfredo Moralesek, Nafarroako Volkswageneko langile batzordeko buruak. «Hori da errealitatea». Oraindik ere falta da iragarpen ofiziala, baina mundu guztiak segurutzat jotzen du Landabenek ez duela bateriak muntatzeko lantegi propiorik izango. Hyundairen Mobis filialak zabalduko du fabrika VWentzako bateriak muntatzeko, eta ez Landabenen, baizik eta handik zortzi kilometrora, Imarkoaingo Garraioaren Hirian. Diario de Navarrak argitaratu du gaia berriz, eta informazio horren harira datoz Moralesen adierazpenak. Enpresa batzordeak bere eginahalak egin ditu azken hilabeteetan VWk berak har zezan bere gain baterien muntaketa, eta lan hori Landabenen bertan egin zedin. Horrekin, besteak beste, lanpostu gehiago sortuko zirela azpimarratzen zuten langileen ordezkariek, eta bermatuago egongo litzatekeela enpleguari eustea etorkizunean. Hori ez da nolanahiko kontua, ikusita adibidez auto elektrikoak ekoizteko, errekuntzakoak egiteko baino jende gutxiago behar dela. Urte hasieran bazirudien guztia bideratuta zegoela bateria lantegia Landabenen geratzeko, baina Alemaniatik haize gero eta hotzagoa etortzen hasi zen; VWek ez zuen inbertsioaren kostu osoa bere gain hartu nahi. Azkenean, abuztu hasieran Hyundai Mobisek eman zuen albistea, VWekin akordioa lortu zuela harentzat bateria zelulak muntatzeko fabrika baterako. Hyundaik ez zuen zehazten non eraikiko zuen lantegia, soilik VWren lantegi batetik hurbil izango zela. Eta Seatek jada berea iragarrita zuenez, ondorioa argia zen, Hyundai Mobisek muntatuko zituen bateriak Nafarroako Volkswagenentzat, Imarkoainen. Pattalaldia dator Langile batzordearen azken itxaropena zen presio egitea Volkswageni, Hyundai Mobisek bere asmoak aldatu eta lantegia Landabenen eraikitzeko. Baina etsi dute jada. «Jarraitzen dut pentsatzen akatsa dela bateria fabrika gure lantegitik zortzi kilometrora egotea», azaldu zuen atzo Moralesek. Dena den, etorkizunera begira jarraitzen dute komitean: «Orain indarrak jarriko ditugu zuzendaritzarekin lan hitzarmena negoziatzeko eta hitzartzeko, aurre egin ahal izateko 2024 eta 2025 urteetan etorriko den pattalaldiari». Hurrengo bi urteak delikatuak izango dira Nafarroako VWentzat, salmentetan jaitsiera espero delako, eta lantegia auto elektrikoak ekoizteko trantsizio betean egongo delako. Horregatik, batzordearen helburua enplegua dela dio Moralesek. «2024. urtea dagoeneko ekoizpen murrizketarekin etorriko da, eta berebizikoa da horren inpaktua leuntzeko neurriak martxan jartzea. Aste eta egun biziak datoz, behar duguna adosteko». Ostegunean eratu zen hitzarmen berria negoziatzeko mahaia. Bestalde, Polo eta Taigo autoen ekoizpena hilabete batzuetan luzatuko dela azaldu dio zuzendaritzak langileei. Hasiera batean, bi autoak egiteari hurrengo urteko martxoan utzi behar zion Landabengo fabrikak, baina Bruselak Euro7aren ezarpena malgutu egingo duela-eta, epea luzatu egingo da.
2023-9-22
https://www.berria.eus/albisteak/233097/eroskik-merkatuetara-joko-du-bankuei-ordaintzeko.htm
Ekonomia
Eroskik merkatuetara joko du bankuei ordaintzeko
600 milioi euro arteko bonu bat jaulkiko du, datorren urtean itzuli beharreko zorra amortizatzeko.
Eroskik merkatuetara joko du bankuei ordaintzeko. 600 milioi euro arteko bonu bat jaulkiko du, datorren urtean itzuli beharreko zorra amortizatzeko.
Eroskik beste bide bat aurkitu du bankuekin duen zorra kitatzeko: dirua finantza merkatuetan biltzea. Kooperatibako kontseilu errektoreak eskatuta, Eroskiko batzar nagusia urriaren 10ean bilduko da, eta hor eztabaidatu beharko du 600 milioi euro arteko zor bonu bat jaulkitzea. 2000eko hamarkadan egindako hedapen prozesuan pilatutako zor handia txikitzen aritu da azken urteetan Eroski, enpresaren geroa eta bere izaera kooperatiboa bera arriskuan jarri zuelako. 2009az geroztik 2.514 milioi euro itzuli dizkie banku hartzekodunei, bere zorraren hiru laurden. Horretarako bere negozioaren diru-sarrerak erabili ditu, baina baita bere aktiboen salmentak ere: merkataritza guneak saldu ditu, If lurrin-denden katea utzi zuen Douglasen esku, Eroski Bidaiak Iberostarrek erosi zion, eta Capraboren erdia saldu zion Txekiar Errepublikako talde bati. Desinbertsioen bidea ia agortuta ikusten du Eroskik —Forum kirol denden zati bat saltzeko prest legoke—, eta horregatik joko du orain finantza merkatuetara. Hori bai, haren zorra soilik inbertitzaile instituzionalek erosi ahal izango dute, hau da, bankuek, funtsek, pentsio planek eta halakoek. Ekarpenen auzia gogoan Eroskik esperientzia txarra izan zuen XX. mendearen hasieran herritarren diruen bitartez bere hedapena finantzatu nahi izan zuenean. 600 milioi euro bildu zituen finantza ekarpenen bidez, baina produktu horiek erosi zituzten 30.000 lagunetatik askok salatu zuten beren bankuek engainatu egin zituztela, gordailu baten moduan saldu zizkietela, eta uste zutela inbertsioa nahi zutenean berreskura zezaketela. Ez ziren hala, ordea, baizik eta eperik gabeko produktu bat, errentagarritasun bat bermatuta zuena —Euriborra gehi %3 eman zien Eroskik lehen bi jaulkipenetan, eta Euriborra gehi %2,5 2007koan—. Hainbat urte iraun zuen ika-mika garratz baten ondoren, Eroskik ekarpen horiek erosteko eskaintza egin zuen, eta erosleen gehiengo batek onartu egin zuen. Egin ez zutenei interesak ordaintzen jarraitzen du kooperatibak. Eroskik azaldu duenez, 2023ko lehen sei hilekoaren amaieran 858 milioi euroren zorra geratzen zitzaion ordaintzeko. Horren zati handi bat, 503 milioi, 2024ko uztailaren 31rako kitatu behar du. Beste 200 milioi, berriz, 2027ko uztailerako.
2023-9-24
https://www.berria.eus/albisteak/233098/greziako-parlamentuak-astean-sei-egunez-lan-egin-ahal-izatea-onartu-du.htm
Ekonomia
Greziako parlamentuak astean sei egunez lan egin ahal izatea onartu du
Lan erreforma berriarekin, langileek egunean hamahiru orduz egin ahal izango dute lan, bi lan badituzte. Atzo greba orokorra egin zuten herrialdean lege berriaren aurka.
Greziako parlamentuak astean sei egunez lan egin ahal izatea onartu du. Lan erreforma berriarekin, langileek egunean hamahiru orduz egin ahal izango dute lan, bi lan badituzte. Atzo greba orokorra egin zuten herrialdean lege berriaren aurka.
Iritsi, eta hitza bete. Kyriakos Mitsotakis Greziako presidenteak hilabete gutxi daramatza karguan, ekainean egin ziren hauteskundeetan lortu baitzuen boterea, eta, Greziako Parlamentuan gehiengo absolutua duenez, lehen erreforma handia aurrera ateratzea lortu du: lan erreforma. Ostiralean onartu dute lege berria, Demokrazia Berria alderdiaren 158 botoekin —300 eserleku ditu parlamentuak—, eta lan merkatua liberalizatu dute horrekin. Astean lan egin daitezkeen egunen kopurua seira handitu dute; beraz, enpresek aldaketak egin ditzakete, eta langileen atsedena astean egun batera murriztu. Bestalde, lan nagusiaz gain, beste lan bat izateko bidea emango die langileei, egunean gehienez bost ordukoa bigarren hori. Hala, zortzi orduko eta bost orduko lan bana izan ahalko dute langileek, eta, beraz, egunean hamahiru orduz lan egin ahalko dute. Enpresariek hemendik aurrera malgutasun handiagoa izango dute langileen ordutegiak ekoizpenaren beharren arabera moldatzeko. Kontratu mota berri bat ere asmatu du Mitsotakisen gobernuak; guardia moduko langileak izango dira, eta ez dute ordutegi finkorik izango, ugazabek nahi dutenean egingo baitute lan, betiere abisua 24 ordu lehenago jasotzen badute. Gobernua, erreformaren defentsan Adonis Georgiadis Lan ministroak erreforma defendatu du, esanez ez dela langileen aurkakoa. Dio ez dituela ez zortzi orduko lanaldia ez bost eguneko lan astea ezabatzen, eta adierazi du gehienez bost ordukoa izan daitekeen bigarren lan hori «borondatezkoa» dela. Georgiadisek, baina, ez du aintzat hartu, nahiz eta borondatezkoa izan, langile asko bigarren lan bat hartzera behartuta daudela egoera ekonomikoagatik. Izan ere, Greziako batez besteko soldata Europako Batasuneko txikienetarikoa da, eta erosteko ahalmenean ere zerrendaren hondoan dago, Kroaziaren, Errumaniaren eta Espainiaren azpitik. Lan astearen iraupena sei egunera handitzea ere defendatu du gobernuak, esanez «salbuespenezko kasuetan» gertatuko dela, eta hori gertatzen den kasuetan langileen soldata %40 handituko dela. Sindikatuek, kontrara, esan dute nahiz eta neurri horiek salbuespenezkoak izan asko gertatuko dela, eta gehitu dute lan ikuskapenak bai direla «salbuespenezkoak». Greba Erreforma berriaren aurka egiteko, greba egin zuten atzo, sindikatuek deituta. Gehienbat zamaketariek, funtzionarioek, osasun langileek eta irakasleek egin zuten greba, eta metro geltoki batzuk itxi behar izan zituzten hiriburuan, Atenasen. Parlamentuaren parean, Syntagma plazan, batu ziren manifestariak, eta, iturri ofizialen arabera, 6.000 lagunek egin zuten protesta.
2023-9-22
https://www.berria.eus/albisteak/233099/zuri-gorrientzat-izan-da-derbia.htm
Kirola
Zuri-gorrientzat izan da derbia
Hogei urteren ostean, Athleticek Alavesi irabazi dio Mendizorrotzan. Garaipena lortuta, zuri-gorriek indartu egin dute egiten ari diren sasoi hasiera ederra. Arabarrek aurreneko aldiz galdu dute etxean.
Zuri-gorrientzat izan da derbia. Hogei urteren ostean, Athleticek Alavesi irabazi dio Mendizorrotzan. Garaipena lortuta, zuri-gorriek indartu egin dute egiten ari diren sasoi hasiera ederra. Arabarrek aurreneko aldiz galdu dute etxean.
Aspaldiko bolada eten da gaur gauean Mendizorrotzan. Athleticek irabazi egin dio Alavesi Gasteizen: 0-2. Hogei urte zeramatzan hori egin gabe. Baina Ernesto Valverdek entrenatutako taldeak neurria hartua die derbiei denboraldi honetan: duela hilabete, Osasunari 0-2 irabazi zion Sadarren, eta, gaur, emaitza beragatik irabazi dio Alavesi Mendizorrotzan. Garaipenari esker, hamahiru puntu ditu Athleticek, eta Gironarekin eta Bartzelonarekin berdindu du sailkapeneko bigarren postuan. Real Madril bakarrik du aurretik, hamabost punturekin. Iaz, uzta bera bildu zuen lehen sei jardunaldietan. Kontuan hartzeko marka da, azkeneko 30 urteetako onena baita. Bigarren urtez jarraian bikain ekin dio sasoiari. Orain, eustea da helburua. Alavesi, ordea, eten egin zaio Athleticen aurkako derbietan eta etxeko partidetan zeraman bolada ona. Lehen aldiz galdu du Mendizorrotzan denboraldi honetan. Irabazi egin zituen aurreko bi partidak, eta horri esker ari zen eusten, etxetik kanpoko hiru neurketak galdu baititu. Baina gaur galdu eta gero, zulatu egin zaio azpiko sarea, behera ez joaten laguntzen diona. Azkar josi beharko du. Ia bete egin da Mendizorrotza, eta etxekoen babesak hauspotuta, Alaves gogo handiz zelairatu da. Bizi jokatu nahi izan du. Athleticek, aldiz, patxadaz. Apustuak fruitua eman die bisitariei. lehen aukeran gola sartu baitute. Hemezortzigarren minutuan, Vesgak pase bikaina eman dio sakonean Iñaki Williamsi, eta aurrelariak ez du huts egin. Taldea bezala, eraginkor ari da sasoi hasiera honetan: hiru gol daramatza. Golak batzuen eta besteen joera indartu du. Alaves saiatu da, baina ia ez du sortu arriskurik. Athleticek, aldiz, gutxi behar izan du aukerak sortzeko. Hala, Vivianek oso gertu izan du bigarren gola lehen zatia amaitzear zela, korner batean, baina haren burukadak langa jo du. Galtzen joatea nahikoa zigor ez bazen, Alaves Duarte gabe geratu da bigarren zatia hasi berritan; min hartu du atzelariak. Luis Garcia Plazak aldaketak egin ditu: Javi Lopez eta Guridi atera ditu Duarteren eta Benavidezen ordez. Baina ez da aldatu partidaren nondik norakoa: zuri-gorrienak izan dira aukera guztiak. Solak izan du etxekoen lehena, ordubetea pasatu denean, baina Unai Simonek kornerrera desbideratu du haren jaurtiketa. Jokaldi horrek etxekoak suspertu ditu, eta Garcia Plazak hori baliatu du bi aurrelari zelairatzeko: Samu eta Rebbach, Solaren eta Hagiren ordez. Beste aurrelariak, Kike Garciak oso gertu izan du gola, baina Unai Simonek geldiketa bikaina egin dio. Erasora jo du Alavesek, eta Iñaki Williamsek hori baliatzekotan egon da kontraeraso batean, baina kanpora bota du baloia. 76. minutuan, ordea, Sancetek ez du barkatu. Bigarren gola sartu du jaurtiketa bati esker, eta lehia erabakita utzi du. Etxekoen azken ahalegina alferrikakoa izan da. Osasunak Sevilla jasoko du bihar Osasunak, berriz, bihar jokatuko du, Sadarren, Sevillaren kontra (16:15, DAZN). Gorritxoek gora egin nahi dute, azken bi partidak galdu baitituzte. Etxean daramaten bolada txarra eten nahi dute ere bai: galdu egin dituzte sasoi honetan Sadarren jokatu dituzten hiru partidak. Unai Garcia, Moncayola eta Brasanac ez dira ariko.
2023-9-23
https://www.berria.eus/albisteak/233130/martin-aramendi-izango-da-uemako-lehendakari-berria.htm
Gizartea
Martin Aramendi izango da UEMAko lehendakari berria
Gaur egin du UEMAk agintaldiko lehen batzar nagusia, eta Ataungo alkate Martin Aramendi aukeratu dute mankomunitatearen buru izateko. Irune Urbieta izango da lehendakariordea.
Martin Aramendi izango da UEMAko lehendakari berria. Gaur egin du UEMAk agintaldiko lehen batzar nagusia, eta Ataungo alkate Martin Aramendi aukeratu dute mankomunitatearen buru izateko. Irune Urbieta izango da lehendakariordea.
UEMAk badu buru berria: Martin Aramendi (EH Bildu) izango da agintaldi honetan UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko lehendakaria, eta Iraitz Lazkanoren lekukoa hartuko du; lehendakariordea, aldiz, Irune Urbieta izango da, Zarauzko zinegotzia (EAJ). Lanerako ildo nagusiak markatu dituzte: udalerri euskaldunak babestea eta euskararen erabilera sendotzea, herritarren ahalduntzean eragiteko ekimenak sustatzearekin batera. Gaur egun, 101 udalerrik eta bertan bizi diren 305.000 bizilagunek osatzen dute UEMA. Udalerri gehiagok ere azaldu dute bertan sartzeko asmoa —Zeanurik (Bizkaia), esaterako, onartu berri du UEMAko kide izatea—. Hori horrela, Aramendik nabarmendu du «sendo» dagoen egitura bat hartu duela: «Sendo dagoen erakunde baten gidaritza hartu dut, udalerri euskaldunen garrantzia lehen lerrora eramatea lortu baitu UEMAk. Alabaina, urratsak egiteko garaia delakoan dago: «Euskararen biziberritzean giltzarriak izango diren erabakiak hartzeko eta urrats sendoak egiteko agintaldia izan behar du honek. Horretarako, adostasuna eta konpromisoa ezinbestekoak dira». Lau urte ditu aurretik Aramendik, eta erronkak badituztela ziurtatu du: «Argi dago UEMA asko aldatu dela azken urteetan. Udalerri euskaldunen tipologia aldatu egin da, eta askotarikoa da gaur egun. Horrek euskaldunen tipologia ere goitik behera aldatu du, eta ezinbestekoa da horri erantzungo dion egitasmoak lantzea, herritarrak ahalduntzeko». Horretarako, lehendakariaren irudiko, udalerri euskaldunen eta herritarren hizkuntza ohituren diagnostiko zehatzak beharrezkoak izango dira: «Ezinbestean ikerketa-lerroa izango da UEMAk agintaldi honetan berariaz indartuko duen arloa, diagnostiko eta argazki zehatzarekin hizkuntza-politika tokian-tokiko errealitatera moldatu ahal izateko». Aramendirekin eta Urbietarekin batera, hauek osatuko dute UEMAren zuzendaritza batzordea: Dabid Anaut —Leitzako alkatea—, Eneko Fernandez —Lesakako zinegotzia—, Ainara Ipiñazar —Igorreko zinegotzia—, Iratxe Lasa —Markina-Xemeingo alkatea—, Aitor Larrañaga —Azpeitiko zinegotzia—, Asier Mingo —Hernaniko zinegotzia—, Idoia Odriozola —Etxebarriako zinegotzia—, Irati Urberuaga —Aulestiko alkatea— eta Larraitz Alkorta —Asteasuko zinegotzia—.
2023-9-23
https://www.berria.eus/albisteak/233131/geoffray-eta-santamaria-garaipena-eta-errekorra-gorbeia-suzien-proban.htm
albisteak
Geoffray eta Santamaria, garaipena eta errekorra Gorbeia Suzien proban
Emakumezkoetan, frantziarrak jaitsieran hartu die aurre lehiakideei. Gizonezkoetan, Ezcarayko (Errioxa, Espainia) korrikalariak ondo eutsi dio gurutzera iristeko azken maldetan lortutako aldeari. Onditz Iturbe eta Markel Urigoitia izan dira lehen euskaldunak.
Geoffray eta Santamaria, garaipena eta errekorra Gorbeia Suzien proban. Emakumezkoetan, frantziarrak jaitsieran hartu die aurre lehiakideei. Gizonezkoetan, Ezcarayko (Errioxa, Espainia) korrikalariak ondo eutsi dio gurutzera iristeko azken maldetan lortutako aldeari. Onditz Iturbe eta Markel Urigoitia izan dira lehen euskaldunak.
Azkarra, oso azkarra izan da aurtengo Gorbeia Suzien. Aurreko egunetako euriak ibilbidea zertxobait lokaztu arren, hegan egin dute korrikalariek Gorbeialdeko zidor, bide eta malkarretan, eta bi garaileek, Clementine Geoffray frantziarrak eta Alain Santamaria ezcaraytarrak (Errioxa, Espainia), hobetu egin dituzte orain arteko markak: Geoffrayk hiru ordu, 34 minutu eta 25 segundo behar izan ditu probaren 32 kilometroak eta 2.400 metroko desnibela osatzeko. Santamariak, bi ordu, 57 minutu eta zortzi segundoan geratu du kronoa helmugan. Iris Pessey (bigarrena), Clementine Geoffrey irabazlea eta Anastasia Rubtsova (hirugarrena), helmugan. Gorbeia Suzien Emakumezkoen lasterketa zirraragarria izan da. Iris Pessey frantziarra, Skyrunning World Series zirkuituko liderra eta iaz bigarren izan zen Onditz Iturbe igorretarra (Bizkaia) bizi-bizi abiatu dira lasterketaren lehen txanpan. Pessey bera igaro da aurrena Gorbeia tontorreko gurutzean, Anastasia Rubtsova errusiarra minutu bat eta 28 segundora, eta Onditz Iturbe minutu bat eta 47 segundora. Gailurrean, bi minutu eta 53 segundora igaro da Clementine Geoffrey. Jaitsieran, ordea, goitik behera aldatu da proba. Clementine Geoffray denbora jaten joan da aurrekoei, eta azken kilometro ikusgarriak eginda bera helmugaratu da aurrena Zeanuriko plazan. Iris Pessey herrikidea izan da bigarren (3,35.50) minutu bat eta 25 segundora eta Anastasia Rubtsova hirugarren (3.39.55) irabazlearekiko bost minutu eta 30 segundora. Euskaldun onena Onditz Iturbe izan da, laugarren (3.43.06). Santamaria, bikain Gizonezkoetan ere su bizian abiatu dira lasterkariak. Lehen kilometroetan, Frederic Tranchand frantziarrak hartu du lasterketaren burua, erritmo ikaragarri bizian, baina uneoro hurbil izan du Alain Santamariaren arnasa, eta Gorbeiako gurutzera iristerako, Santamariak aurre hartu dio Tranchandi. Frantziarra hamasei segundora igaro da gailurretik, eta Antonio Martinez espainiarra, hiru minutu eta 15 segundora. Gizonezkoen podiuma. Gorbeia Suzien Beheranzkoan, ezcaraytarrak jakin du aldeari eusten, eta berak hautsi du helmugako zinta eta probaren errekorra (2.57.08) Zeanuriko plazan. Antonio Martinez Alacanteko (Espainia) korrikalaria izan da bigarren (2:58.04), 56 segundora eta Frederic Tranchand frantziarra hirugarren (2.58.30) irabazlearekiko minutu bat eta 33 segundora. Lehen euskalduna Markel Urigoitia (3.08.28) izan da; otxandiarra (Bizkaia) zortzigarren izan da Santamariarekiko 11 minutu eta 20 segundora. Proba laburrean, 21K lasterketan, Andoni Uzkiano eta Aroa Calvo izan dira irabazleak. Sailkapen guztiak kronoak.com webgunean. SAILKAPENAK SKYRACE EMAKUMEZKOAK 1. CLÉMENTINE GEOFFRAY 3:34:24 2. IRIS PESSEY 3:35:49 3.ANASTASIA RUBTSOVA 3:39:54 GIZONEZKOAK 1.ALAIN SANTAMARIA 2:57:08 2.ANTONIO MARTÍNEZ 2:58:04 3. FRÉDÉRIC TRANCHAND 2:58:30 21K EMAKUMEZKOAK 1. AROA CALVO 2:32:35 2. LEIRE URIBE 2:43:11 3. UXUE ZORRILLA 2:45:13 GIZONEZKOAK 1. ANDONI UZKIANO 2:10:46 2. BEN MOUNSEY 2:11:23 3. ENEKO GONZÁLEZ 2:14:49
2023-9-23
https://www.berria.eus/albisteak/233132/sortuk-abagunea-baliatu-nahi-du-madril-plurinazionaltasunaren-afera-jorratzera-bultzatzeko.htm
Politika
Sortuk abagunea baliatu nahi du Madril plurinazionaltasunaren afera jorratzera bultzatzeko
VI. Nazio Konferentzia egin du alderdi independentistak Arrasaten. Azken ikasturteko balantzea eta aurrera begirako plan politikoa onartu dituzte.
Sortuk abagunea baliatu nahi du Madril plurinazionaltasunaren afera jorratzera bultzatzeko. VI. Nazio Konferentzia egin du alderdi independentistak Arrasaten. Azken ikasturteko balantzea eta aurrera begirako plan politikoa onartu dituzte.
Sortuk Arrasateko (Gipuzkoa) Uarkape frontoian egin du alderdiaren VI. Nazio Konferentzia, eta militanteek azken ikasturteko balantzea eta aurrera begirako plan politikoa onartu dituzte. Uztaileko bozen osteko testuinguruari so, Arkaitz Rodriguez idazkari nagusiak azaldu du ezker subiranistaren «erronka eta ardura» dela Espainian gobernu aurrerakoi bat ezartzea, baina nabarmendu du abagune hori baliatu behar dela Madrilek urratsak eman ditzan estatuaren plurinazionaltasuna aitortzeko bidean. Atzera begirako errepasoan, Sortuk azken legealdiko «lorpenei» erreparatu die. Madrilgo politikagintzak izan du bere lekua balantze horretan, eta Sortuko buruak azaldu du azken legealdian «Espainiako bloke erreakzionarioa» gelditzea lortu dutela, eta ondorioz, baita emakumeei, LGTBI kolektiboari, langileei eta herriei kalte egingo liekeen «inboluzioa» etetea ere. Halere, Rodriguezek nabarmendu du hori ez dela nahikoa, eta «gobernu aurrerakoi bat» osatzean baino, «ezkerreko politikak» egitean jarri du fokua. Horien artean aipatu ditu presoei aplikatutako salbuespenezko espetxe politikarekin eta «neoliberalismoan oinarritutako politikekin» amaitzea, baita «78ko erregimenaren giltzarrapoa» haustea ere: «Euskal herritarren, katalanen eta galiziarren aspirazio zilegi eta demokratikoei modu demokratikoan aurre egitea». EH Bilduk eta EH Baik eskuratutako hauteskunde emaitzak ere goratu ditu: «Iragan berri den hauteskunde zikloan, ezkertiar subiranistok inoizko emaitzarik onenak eskuratu ditugu Ipar eta Hego Euskal Herrian». Horiek hala, Rodriguezek uste du ezker subiranistak «esku-eskura» duela Euskal Herriko indar politiko nagusi bilakatzea. Era berean, euskal presoei aplikatutako urruntze eta dispertsio politikaren amaiera txalotu du. «Euskal gizartearen gehiengoaren babesaren» emaitza dela nabarmendu du: «Estatuak boteretsuak dira, baina ez garaiezinak». Halere, ez du amaitutzat jo afera, eta preso, deportatu eta iheslaririk gabeko etorkizun bat lortu arte borrokan jarraitzeko deia egin du. Burujabetza Rodriguezek adierazi du ezinbestekoa dela egungo eredu sozioekonomikoa «errotik» aldatu eta «zibilizazio berri bat» osatzea, bizitza eta zaintza erdigunean jarriko dituena: «Kapitalismo patriarkala bizitza beraren iraunkortasuna kolokan jartzen ari delako». Horiek hala, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk eginiko adierazpenei erantzunez, Rodriguezek azaldu du eurak «sozialista erradikalak» direla, horrek adierazi nahi badu «bizitza duin bat» izateko eskubidearen, hezkuntzarako eta osasungintzarako sarbide unibertsalaren zein gizartea «despatriarkalizatzearen» alde egotea. Horrek guztiak, baina, burujabetza ahalmen handiago bat eskatzen du, Sortuko idazkari nagusiaren esanetan: «Gaur ez dugun erabaki ahalmena». Erronka horri erantzuteko, Espainiako estatuak bizi duen «momentu historikoa» baliatu behar dela azaldu du. Egun Espainiako Kongresuan dagoen «gehiengo plurinazional eta aurrerakoiari» erreparatu dio, eta hortik atera daitekeen gobernuari urratsak egiteko eskatu: «Balizko gobernu aurrerakoi batek, erronka, ardura eta aukera historikoa ditu arazo espainiarrari soluzio demokratiko bat emateko. Arazo espainiarra, bere aniztasun nazionala aitortzeko eta demokratikoki kudeatzeko gai ez den estatu bat baita arazoa». Horiek hala, Rodriguezek nabarmendu du ezin dela «aurrerakoi» eta «ezkertiarra» izan euskal herritarren, katalanen eta galiziarren erabakitzeko eskubidea errespetatu gabe. Era berean, eragile politiko, sindikal eta sozialen arteko «herri akordio zabal bat» osatzea ezinbestekotzat jo du Sortuk. «Egoera honek inoiz baino gehiago eskatzen baitu Madrilen aurrean herri gisa eta ahots bakar batekin aritzea», Rodriguezen esanetan. Alderdi independentistak EH Bildu eta EH Bai zein gizarte mugimenduak indartzen jarraitzeko apustua ere berretsi du. Alde instituzionalari dagokionez, Rodriguezek azaldu du ezkerreko subiranismoa dela Euskal Herriak «parez pare dituen erronkei» erantzuteko «lidergo berri bat» eskaini dezakeena. Haren hitzetan, «esperantzaren blokea» osatzen dute koalizio horiek, eta horren ondorio da azken urteetan izan duten gorakada. Horiek hala, datorren urteko Eusko Legebiltzarrerako zein Europako Parlamenturako bozak jarri ditu jomugan. Era berean, Sorturen erronketako bat izango da «langile mugimendua, mugimendu feminista, gazte mugimendua, mugimendu ekologista, euskalgintza, hezkuntza mugimendua edota pentsiodunen borroka indartzea eta sustatzea». Argudiatu du «bulkada sozial» hori gabe «hankamotz» geratuko litzatekeela nazio eraikuntzan, politika publikoetan zein klima eta zaintza alorretan aurrera egiteko balizko akordio bat. Horiek hala, hiru zita aipatu ditu datorren hilabeterako: Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 4rako deitutako manifestazioa, azaroaren 30eko greba feminista, eta EH Bilduk azaroaren 18rako Bilbon deitutako manifestazio nazionala.
2023-9-23
https://www.berria.eus/albisteak/233133/osasuna-erdizka-gelditu-da-sevillaren-aurka.htm
Kirola
Osasuna erdizka gelditu da Sevillaren aurka
Atea hutsean uztea lortu du azken partidetako akatsen ondoren, baina antzu aritu da ate aurrean, eta puntu bakarra bildu du. Neurketa parekatua eta lehiatua izan da, eta bi taldeek izan dituzte aukera garbiak. Nafarrek irabazi gabe jarraitzen dute Sadarren.
Osasuna erdizka gelditu da Sevillaren aurka. Atea hutsean uztea lortu du azken partidetako akatsen ondoren, baina antzu aritu da ate aurrean, eta puntu bakarra bildu du. Neurketa parekatua eta lehiatua izan da, eta bi taldeek izan dituzte aukera garbiak. Nafarrek irabazi gabe jarraitzen dute Sadarren.
Osasunak bi helburu zituen gaur Sevillaren kontra jokatu duen partidan: defentsako jarduna irmotu, eta bide horretatik, etxean denboraldiko lehen garaipena lortzea. Bada, erdizka gelditu da, atea hutsean utzi arren, ez delako gai izan eduki dituen gol aukera garbiak profitatu eta hiru puntu patrikaratzeko. Chimy abilaren oinetan izan ditu bi abagune garbienak, baina argentinarraren erremateek ez dute sareetarako bidea hartu. Gorritxoek neurketa berdindua jokatu dute Sevillaren aurka, erritmoz bizia baina joko aldetik distira handirik gabea. Bi taldeak txandaka oldartu dira, eta biek ere letagin kamutsak izan dituzte. Osasunak, bere txarrean, bukaera eman dio etxeko bolada txarrari, galduak baitzituen orain arte Sadarren jokaturiko partida guztiak. Haatik, gaur bildutako puntuak ez du ase. Osasunak gogotsu ekin dio partidari, eta lehen minutuetan baloia Sevillaren zelaian erabili du batez ere. Ezker hegaletik aurrera egiten saiatu dira gorritxoak, baina Mojicaren akatsek ez diote jokoa behar bezala sakontzen utzi. Kontrol eta erdiraketa eskasak egin ditu kolonbiarrak. Dena den, minutuek aurrera joan ahala, Osasunaren jokalaririk arriskutsuena bilakatu da. Oso zorrotz aritu da, eta zehatz baloia areara bidaltzerakoan. Chimyri, adibidez, erdiraketa bikaina egin dio, baina argentinarrak, dena alde zuela, gora errematatu du. Lehen zatian Osasunak izan duen aukerarik garbiena izan da hori. 40. minutuan izan da, atsedena jada ate joka zela. Beste aukera batzuk ere izan dituzte bi taldeek markagailuan aurrea hartzeko. Bi izan ditu Sevillak: Oliver Torresen saiakera urruna, Sergio Herrera pase bat mozteko atepetik atera eta gero, eta Lucas Ocamposen eskuinkada bat. Bi jaurtiketak oso gutxirengatik joan dira kanpora. Osasunaren aldetik, Torrok egin du lehen jaurtiketa. Gora joan zaio. Gero, Aimarrek area barruan jaurti du, jokaldi azkar eta zorrotz baten ondoren, baina Nemanja Gudeljekin egin du topo. Paseak nekez kateatu dituzte bi taldeek, baina lasai asko joan zitezkeen aldageletara gol bat eginda. Batez ere Osasuna, Chimyk azken txanpan izan duen aukerarekin. Gorritxoen abagune on gehiago pilatu dituzte bigarren zatian. Torrok bi aukera on izan ditu hasi eta berehala, baina lehenik, kanpora jaurti du area barruan, eta gero, ez da ate aurrean errematatzeko gai izan, bakarrik zegoen arren. Aldi berean, Mojica urrutitik saiatu da, ezkerkada indartsu batekin, baina ez du asmatu baloia zutoin artera bideratzen. Gorritxoei fintasuna falta izan zaie azken metroetan, eta zorte apur bat ere bai. Izan ere, 62. minutuan zutoinera joan zaio Chimyri atezainaren gainetik loratutako jaurtiketa. Jokaldi ederra egin dute nafarrek eskuin hegaletik, paseak azkar lotuz, baina ezin izan diote ginga jarri. Sevillako jokalariek ere behin baino gehiagotan eraman dituzte eskuak burura, huts egindako aukeren ondorioz. Kolpeak trukatuz aritu dira bi taldeak, eta kanpokoek min handia egin diote Osasunari eskuin hegaletik. Ocamposen presentzia geroz eta beldurgarriagoa izan da, eta gertu izan du gola, eskuinez egindako jaurtiketa neurtu batekin. Gorritxoek ez dute beren saretik baloirik jaso behar izan, baina era berean, ezin izan dute aurkariaren atea zulatu. Hori horrela, etxeko lehen garaipenak itxaron egin beharko du.
2023-9-24
https://www.berria.eus/albisteak/233166/hirugarren-urtez-jarraian-izeta-viak-jantzi-du-euskal-pentatloi-sariaren-txapela.htm
Kirola
Hirugarren urtez jarraian, Izeta VI.ak jantzi du Euskal Pentatloi Sariaren txapela
Ez da sorpresarik izan VI. Euskal Pentatloi Sariaren finalean, eta Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a aiarrak jantzi du txapela; emazteari eta semeari eskaini die garaipena. Xabat Olaizola zarauztarra sailkatu da bigarren, eta Xabier Zaldua hirugarren. Aritz Irazabal izan da laugarrena, Ioritz Gisasola bosgarrena, eta Julen Kañamares seigarrena.
Hirugarren urtez jarraian, Izeta VI.ak jantzi du Euskal Pentatloi Sariaren txapela. Ez da sorpresarik izan VI. Euskal Pentatloi Sariaren finalean, eta Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a aiarrak jantzi du txapela; emazteari eta semeari eskaini die garaipena. Xabat Olaizola zarauztarra sailkatu da bigarren, eta Xabier Zaldua hirugarren. Aritz Irazabal izan da laugarrena, Ioritz Gisasola bosgarrena, eta Julen Kañamares seigarrena.
VI. Euskal Pentatloi Sariaren finala jokatu zuten atzo, larunbata, Azpeitiko (Gipuzkoa) zezen plazan. Ez zen sorpresarik izan, eta Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a aiarrak jantzi zuen txapela, hirugarren urtez jarraian. Lorpen handia eskuratu izanagatik, Izeta VI.ak ez zuen lortu bere iazko marka hobetzea; 31 minutu eta 55 segundo behar izan zituen lanak bukatzeko. Probaren amaieran aipatu zuen aste gogorra izan dela harentzat –aita izan berri da–, eta akats batzuk ere egin zituela atzoko kirol proban. Dena den, pozarren agertu zen txapela jantzita, eta emazteari eta semeari eskaini zien garaipena. Xabat Olaizola zarauztarra izan zen egin beharrekoak amaitzen bigarrena. Harri jasotzen eta giza proban nagusitasunez aritu zen, eta hura izan aizkorako lanari ekiten lehena. Dena den, Izeta VI.ak aizkoran aurrea hartu zion, eta ordutik aurrera, aiarra izan zen nagusi proba guztian. Lehen aldiz parte hartu du Olaizolak pentatloi sariketan, eta abilezia ikaragarria duela erakutsi zuen atzo. Gainera, afizio izugarria eraman zuen Azpeitiko plazara, eta animoak eta oihuak entzun zituen lanak egiten ari zen denbora guztian. Ikusi gehiago: Argazki galeria, Urola Kostako Hitzan Bigarren txandan aritu ziren hiru kirolariek osatu zuten podiuma; Xabier Zaldua zumarragarra izan zen hirugarren sailkatua. Hark hiru txapel ditu jantziak Euskal Pentatloi Sarian, eta orain Izeta VI.ak berdindu du txapeletan. Jakiteko dago ea datorren urtean berdinketa hausteko erronkari helduko ote dion Zalduak. Hura izan zen atzoko probako helduena, eta aipatu izan du pentatloia uzteko garaia heltzen ari zaiola. Lehen txandan, Aritz Irazabal izan zen nagusi, alde handiz. Oso ondo aritu zen ugaoarra, eta iazko pentatloian baino bost minutu lehenago ekin zion atzo korrikako probari. Zalduak hamabost segundoren aldea baino ez zion atera laugarren sailkatuari. Ioritz Gisasola Zelai IV.a mallabtiarra izan zen lanak amaitzen bosgarrena, 39 minutuko eta 57 segundoko denborarekin, eta Julen Kañamares arostegiarra sailkatu zen seigarren –41.49–. Honako hauek izan ziren kirolariek finalean egin zituzten lanak: ehun kiloko bolari 25 altxaldi eman behar izan zizkieten; giza proban, 400 kiloko harriarekin bi plaza osatu; aizkoran, hiru kana-erdiko ebaki; 50 kiloko txingekin, sei plaza egin; eta korrika, hiru kilometro osatu –zezen plazari 30 buelta–. Sufritu arren, erakustaldia eman zuten atzo kirolari guztiek, eta giro izugarria sortu zen Azpeitiko zezen plazan. Aurten, izan da berrikuntzarik: ez da emakumeen Euskal Pentatloi Saririk jokatu. «Pena handia» agertu zuten hori dela-eta antolatzaileek. Ez ziren emakume nahikoa elkartu haien sariketa egin ahal izateko, eta datorren urtean proba hori berreskuratuko den esperantza dute antolatzaileek. Sailkapena: 1. Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a: 31:55 2. Xabat Olaizola: 34.05 3. Xabier Zaldua: 35.20 4. Aritz Irazabal: 35.35 5. Ioritz Gisasola: 39.57 6. Julen Kañamares: 41.49
2023-9-24
https://www.berria.eus/albisteak/233167/beste-gol-festa-bat-eta-beste-garaipen-bat-realarentzat.htm
Kirola
Beste gol festa bat eta beste garaipen bat Realarentzat
Txuri-urdinak 1-2 galtzen heldu dira atsedenaldira, baina markagailua irauli dute bigarren zatian. Kubo, Brais Mendez eta Oiartzabal izan dira golegileak; azken hori bi bider.
Beste gol festa bat eta beste garaipen bat Realarentzat. Txuri-urdinak 1-2 galtzen heldu dira atsedenaldira, baina markagailua irauli dute bigarren zatian. Kubo, Brais Mendez eta Oiartzabal izan dira golegileak; azken hori bi bider.
Realak Anoetan jokatu dituen ligako azken bi neurketetan bederatzi gol sartu ditu, eta sei jaso. Imanol Alguacilen taldeak markagailu motzetara ohituak zeuzkan zaleak, baina joera aldatu egin dela dirudi. Garrantzitsuena, ordea, puntuak dira, eta bi neurketa horiek irabazi egin dituzte txuri-urdinek: Granadaren aurka 5-3, eta gaur, Getaferen aurka, 4-3. Gogotik lan egin behar izan dute donostiarrek. Espero zen moduan, hamaikakoan aldaketak egin ditu prestatzaileak. Defentsan Aihen Muñoz sartu da Tierneyren lekuan; zelai erdian Urko eta Turrientes zelairatu dira Zubimendiren eta Merinoren ordez; eta aurrealdean Umar Sadiq lehen aldiz sartu da hamaikakoan, Oiartzabalen tokian. Gainontzekoak Real Madrilen eta Inter Milanen aurka jokatu zuten berberak izan dira. Arratsaldea bikain hasi da. Brais Mendezek baloi bat lapurtu du zelai erdian, izkin egin dio Getafeko jokalari bati, Kubori eman dio pasea, eta hark, lehenengoan, sareetara bidali du baloia. Kontua ez da, ordea, nola hasten den, nola amaitzen den baizik. Eta, egiari zor, lehen zatian Getafek Realak bezain ondo edo hobeto jokatu du. Txuri-urdinek ez dute ia gol aukerarik sortu. Madrildarrek ere ez asko, baina bi gol sartzeko adina bai. Lehenengoa Aleñak sartu du, buruz, Getafen Realak utzita ari den Diego Ricoren erdiraketa bat baliatuta. Bigarrena, luzapenean, penaltiz, Borja Mayoralek. Bigarren zatiak itxura txarra zuen Realarentzat. Aldaketak, gakoa Izan ere, hasi, ez da bereziki ondo hasi bigarren zatia. Gainera, gauza jakina da Jose Bordalas entrenatzailearen taldeak gogorrak direla, baita azpijokoetan trebeak ere; ez da gustagarria markagailuan atzetik izanda haien aurka jokatzea. Alguacilek Zubimendi, Merino eta Oiartzabal zelairatu ditu 58. minutuan, eta hor aldatu dira kontuak. Baloiaren jabe egin da Reala, eta 60. minutuan Mitrovicek penaltia egin dio Brais Mendezi. Oiartzabalek sartu du, David Soria atezainak intentzioak asmatu dizkion arren. Bost minutu geroago, alboko sake bat urruntzen ez du asmatu atezainak, eta akatsa baliatu du Mendezek berak gola sartzeko. 66. minutua zen, eta berriz ere aurretik zen Reala. Minutu onak jokatu ditu etxeko taldeak, nagusitasun irudia emanez. Mendezek, partidako jokalari onenak, beste pase bikain bat bidali du areara 88. minutuan, Merinok Oiartzabali utzi dio, eta eibartarrak bere bigarren gola sartu du. Norgehiagoka amaitutzat jo zitekeela zirudien, baina Latasak 91.ean sartutako burukadak eman die emozioa azken minutuei. Azkenean, borrokatutako hiru puntu Realarentzat. Bederatzi punturekin, sailkapen nagusian behin-behinean seigarren dira txuri-urdinak. Asteazkenean Valentzian jokatuko dute (21:30, Movistar). Reala: Remiro; Traore, Zubeldia (Pacheco, 83'), Le Normand, Aihen; Urko (Zubimendi, 58'), Turrientes (Merino, 58'), Brais Mendez; Kubo, Barrenetxea (Ali Cho, 69') eta Sadiq (Oiartzabal, 58'). Getafe: Soria; Suarez, Mitrovic, Alderete, Diego Rico; Maksimovic, Djene (Greewood, 68'), Aleña (Choco Lozano, 78'), Carmona (Arambarri, 68'), Mata (Oscar, 78') eta Mayoral (Latasa, 45').
2023-9-24
https://www.berria.eus/albisteak/233168/ortuzar-eajk-entzun-du-herritarrek-azken-hilabeteotan-esan-diotena.htm
Politika
Ortuzar: «EAJk entzun du herritarrek azken hilabeteotan esan diotena»
Alderdi Eguna ospatu du EAJk Forondan. EBBko presidenteak «zentraltasuna» aldarrikatu du, eta esan du beste alderdi eta eragileekin elkarlanean aritzeko prest dagoela.
Ortuzar: «EAJk entzun du herritarrek azken hilabeteotan esan diotena». Alderdi Eguna ospatu du EAJk Forondan. EBBko presidenteak «zentraltasuna» aldarrikatu du, eta esan du beste alderdi eta eragileekin elkarlanean aritzeko prest dagoela.
EAJrentzat «garai konplexu batean» heldu da gaur ospatu duten 47. Alderdi Eguna. Hala aitortu du Andoni Ortuzarrek, EBB Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak. «Entzun dugu herritarrek azken hilabeteotan esan digutena, zentzu batean eta bestean. Ehun zatiak berriz jostea dagokigu orain, batzuengan eta besteengan berriz ere ilusioa piztea», esan du. Eguraldi onak lagunduta, milaka lagun elkartu dira Forondan (Araba), Batzen gaituen eguna lelopean egin duten egunean. Ortuzarrek EAJ indartsu bat aldarrikatu du, «Euskadik autogobernurako eta aurrerabiderako bidetik jarrai dezan». «Benetako autogobernua eta benetako aurrerabidea, oposiziotik erraz hitzematen baita», kritikatu du beste alderdi batzuen jarrera. Jeltzaleen «zentraltasuna» aldarrikatu du, eta beste alderdi eta eragileekin elkarlanean aritzeko prest dagoela esan ere bai, «kontsentsuaren eta akordioen bidetik». Ohikoa duen tonuan jardun du Ortuzarrek: «Hemen dago EAJren eskua, denekin hitz egiteko prest, Euskadik bizi duen une honi berme osoz hel diezaiogun. Eskua luzatzen diegu bereziki greba eta protesta adierazteko bide bakartzat jo dutenei. Konponbidea ez da grebatik etorriko: konponbidea elkarrizketatik eta akordiotik iritsiko da. Eser gaitezen lehenbailehen». Espainiako Gobernuaren osaketari dagokionez, azpimarratu du hura baliatu nahi dutela lurralde ereduaren inguruko eztabaida mahai gainean jartzeko. Azkenik, alderdikideei zuzendu zaie: «Gure batzokien erosotasunetik ateratzeko garaia da, errealitate berrietara eta erreferente berrietara irekitzekoa, aldaketa sozialak egon direnean egin dugun bezala». Urkullu eta Guindeo Oholtzara igo diren beste bi alderdikideak Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Amaiur Guindeo EGIko kidea izan dira. Urkullu EAJren balioen inguruan jardun da. Hiru puntu aipatu ditu: «pertsonaren zentraltasuna, oparotasuna partekatzea, eta gizarte kohesioa». Lehendakariaren arabera, hori «auzolana» aipatuta laburbildu daiteke. Guindeok, bestalde, azpimarratu du EAJk gazteen erronkei aurre egingo diela: «Besteak beste, lan merkatuan baldintza duinekin sartzeari, langabezia tasa handiari, etxebizitza erosteko aukera eskasiari, berdintasunari, kalitatezko enpleguari edo klimaren krisiari».
2023-9-25
https://www.berria.eus/albisteak/233169/hollywoodeko-gidoilariak-aurreakordio-batera-iritsi-dira.htm
Kultura
Hollywoodeko gidoilariak aurreakordio batera iritsi dira
Akordioa onartzen duten ala ez erabakitzeko bozketa eginen dute bihar, eta 11.500 gidoilarik bozkatuko dute. Bitartean, WGA sindikatuak adierazi du inor ezin dela lanera itzuli. Aktoreak greban daude oraindik ere.
Hollywoodeko gidoilariak aurreakordio batera iritsi dira. Akordioa onartzen duten ala ez erabakitzeko bozketa eginen dute bihar, eta 11.500 gidoilarik bozkatuko dute. Bitartean, WGA sindikatuak adierazi du inor ezin dela lanera itzuli. Aktoreak greban daude oraindik ere.
Hollywoodeko gidoilarien sindikatuak eta estudioak behin-behineko akordio batera iritsi dira bart. Hala, amaiera emanen diote AEB Ameriketako Estatu Batuetako zinema eta telebista gelditu dituen ia bost hilabeteko grebari. Bost egun iraun dituzte negoziazioek, eta hitzarmen kolektibo berri baten oinarriak zehaztu dituzte bertan. «Harrotasun handiz esan dezakegu akordio hau ezohikoa dela, irabazi garrantzitsuak eta babesak dituela idazle guztientzat», adierazi du WGA Writers Guild of America sindikatuak ohar bidez. Aktoreak greban daude oraindik ere. Joan den asteazkenean hasi zituzten negoziazioak, bi aldeek arazoari konponbidea eman nahi ziotelako. Lau estudiotako buru nagusiak egon ziren bilkuretan: Bob Iger, Disney taldekoa; David Zaslav, Warner Bros taldekoa; Ted Sarandos, Netflixetik; eta Donna Langley, NBCUniversal taldekoa. Korporazioek adierazi zuten eskuartean zuten eskaintza «hoberena eta azkena» zela. Gavin Newsom Kaliforniako gobernadorea ere negoziazio mahaian egon zen, inor altxatzen ez zela ziurtatzeko. Lortu duten akordioa ez denez behin betikoa, WGA sindikatuak adierazi du oraindik ezin direla lanera itzuli. Bihar eginen den bozketan akordioa onartuko balitz, ordea, greba bertan behera geldituko litzateke —11.500 lagunek parte hartuko dute—. Dena den, Los Angeles eta New York hirietako estudioen aurrean egiten dituzten protestak bertan behera gelditu dira dagoeneko. Aurrerapausoak Akordio berriari esker, gidoilariek urte luzez egindako eskaerak lortuko dituzte. Adibidez, gidoilariek behin eta berriz adierazi dute estudioek mini rooms izenekoak gehiegi erabiltzen zituztela. Idazle talde txikiak dira, eta denbora gutxiagoan eduki gehiago sortzeko erabiltzen dira. Funtsean, lana «prekario» egiten zutela diote. Akordio berriak, baina, zehazten du zein den telesail bat idazteko gutxieneko pertsona kopurua. Gidoilarien bertze eskaeretako bat zen irabaziek online plataformetako emisioekin bat egitea. Izan ere, idazleek, produktoreek eta aktoreek telesail arrakastatsu bat egiteagatik apenas jasotzen zuten dirurik. Hala, estudioek onartu dute ordainketak handiagoak izateko formula aldatzea, audientziaren arabera.
2023-9-25
https://www.berria.eus/albisteak/233170/espagnac-brisson-eta-st-pe-izanen-dira-frantziako-senatuan.htm
Politika
Espagnac, Brisson eta St Pe izanen dira Frantziako Senatuan
Atzo iragan ziren Frantziako Senaturako bozak Ipar Euskal Herrian. Orain arteko hiru senatariak karguan atxikitzearen alde egin zuten hautetsiek.
Espagnac, Brisson eta St Pe izanen dira Frantziako Senatuan. Atzo iragan ziren Frantziako Senaturako bozak Ipar Euskal Herrian. Orain arteko hiru senatariak karguan atxikitzearen alde egin zuten hautetsiek.
Ez da aldaketarik izanen. Senatari eserlekua atxiki dute Frederique Espagnac sozialistak, Max Brisson errepublikanoak eta Denise St Pe Modemekoak. Atzo iragan ziren Frantziako Senaturako bozak Pauen (Okzitania), eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduan bozka zezaketen hautetsiek jarraitutasunaren aldeko apustua egin zuten. Duela sei urte bezala, Espagnacek bildu zuen babes gehien, 608 botorekin; ondoren iritsi zen Brisson, 553 botorekin; eta St Pek hirugarren lekua hartu zuen, 363 botorekin. 348 senatari daude Frantziako Senatuan, eta hiru urtean behin ganberaren erdia aldatzen da; sei urteko agintaldia izaten du senatari bakoitzak. Hauteskunde bereziak dira, ez baitute herritarrek bozkatzen. Hautesbarrutiari lotuak diren erakundeetako hautetsiak dira hautesleak, hau da, diputatu eta senatariak, eskualdeko eta departamenduko kontseiluetako hautetsiak eta herriko etxeetan ordezkari gisa izendatutako hautetsiak —herriaren tamainaren arabera aldatzen da Senatuan bozkatzeko aukera duten ordezkarien kopurua—; horiek guziak hautesle handi izendatuak dira. Pirinio Atlantikoetako departamenduko hautesbarrutian 1.879 hautesle handi dira. 2017ko boto kopuru berarekin gailendu zen senatari sozialista atzo arratsaldean, eta hirugarren mandatua abiatuko du. Hainbat gaitan izan duen oposizioarekin esplikatu zuen bere garaipena France Bleu Pays Basque irratian, hala nola Frantziako Gobernuaren erretreta erreforma edo «tokiko erakundeei» buruzko bozkak: «Ezin dugu erran herriko etxe indartsuak nahi ditugula, eta horientzako laguntzak murriztu. Aldi oro kontra agertu naiz», esplikatu zuen. Lurralde antolaketari heltzea izanen da lehentasuna, baina baita Euskal Herriko eta Biarnoko aldiriko trenei ere —aspaldiko eskaera da Ipar Euskal Herrian Donostia eta Baiona lotuko lituzkeen tren zerbitzu bat ezartzea—. Ingurumen gaiak, laborantza, garapen ekonomikoa eta etxebizitza gaiak ere azpimarratu zituen. Euskararen aldeko hizkuntza politika ez zuen aipatu. Errepublikanoetako hautagaiak duela sei urte baino berrehun boto gehiago eskuratu zituen. «Hautetsien aurrean mesfidatia den estatu baten jarrera hautetsontzietan nabaritu daiteke. Frantsesen botoa kontuan hartzeari uko eginez, [Frantziako] Errepublikako presidentea bere burua bakartzeko prozesuan dago; hautetsien erreakzioan ikus daiteke hori. Ez dut krisirik nahi, ez dut hauteskundeetara itzul gaitezen nahi; herrialdea gobernatu behar da». Frantziako Senatuan Errepublikanoek duten gehiengoa kontuan hartzeko eskatu zuen. Hirugarren eserlekua kolokan Hirugarren senatariaren eserlekua izan zen atzo suspensea eragin zuen elementu bakarrenetakoa. Duela sei urte baino 46 boto gutxiago eskuratu zituen St Pek, eta ez zituen bereganatu 2017an zentro eskuineko beste zerrendak eskuratu zituen 119 botoak. Espagnacen zerrenda bigarren eserleku bat eramatekotan egon zen, baina, azkenean, 30 botoren aldeagatik Modemekoarentzat izan zen. Bederatzi zerrenda aurkeztu dira aurten Pirinio Atlantikoetako hautesbarrutian. Honela gelditu ziren gainerako hautagaitzak: Julien Brunel (EELV) 98 boto, Anne Saouter (PCF) 47 boto, Marc Gairin (Reconquete) 42 boto, François Verriere (RN) 38 boto, Michel Lamarque (etiketarik gabe, zentro eskuina) 28 boto, Sandra Pereira (LFI) 21 boto.
2023-9-25
https://www.berria.eus/albisteak/233172/bildarratzek-berretsi-du-eskola-garraioaren-adjudikazioan-ez-dela-egon-interes-gatazkarik.htm
Gizartea
Bildarratzek berretsi du eskola garraioaren adjudikazioan ez dela egon «interes gatazkarik»
Agerraldia eskatu du Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean azalpenak emateko.
Bildarratzek berretsi du eskola garraioaren adjudikazioan ez dela egon «interes gatazkarik». Agerraldia eskatu du Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean azalpenak emateko.
Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak Radio Euskadin baieztatu duenez, Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean azalpenak emateko agerraldia eskatu du, eskola garraioaren adjudikazio prozesuan «interes gatazkarik» ez dela egon defendatzeko. Joan den ostiralean Vocento taldeko egunkariek argitaratutako informazioek sortutako zalapartarekin «harrituta» azaldu da Bildarratz, eta ukatu egin du Gipuzkoako eskola garraioaren adjudikazio prozesuan irregulartasunik egon denik. Hezkuntza Sailak modu irregularrean jokatu izana ezeztatzeko, hainbat datu eman ditu Bildarratzek. Alde batetik, esplikatu du Joanes Labaienen enpresak eskainitako garraio ibilbide guztien «% 3,2» baino ez zituela jaso –467 guztira–, eta, gainera, hamabost ibilbideetatik hamabi hutsik zeudela, enpresa bakar bat ere ez zelako aurkeztu. Halaber, azpimarratu du adjudikazio horiek Hezkuntza Sailari atxikita ez dagoen Kontratazio Mahai Orokor batean ebazten direla, eta horko erabakiak «parametro erabat teknikoekin» hartzen direla. Azaldu duenez, adjudikazio prozesua egin ondotik Hezkuntza Sailak Cuatrecasas abokatu bulegoa kontratatu zuen, hutsik geratu ziren ibilbideetako aferan laguntza juridikoa emateko. Labaienek egin zituen abokatu lanak auzi horretan – abokatu bulego horretako ordezkaria ere badelako, garraio enpresa bateko administrazio kontseilariaz gain–. Beraz, Labaienek lizitazio prozesua amaitu zenean hartu zuen parte, Bildarratzek azaldu duenez. Bildarratzek argudio horiekin erakutsi nahi izan du ez zela inolako irregulartasunik egon garraioaren adjudikazio prozesuan. Gainera, adierazi du Labaieni berari galdetu ziola bateraezintasun arazorik ote zuen aferan, eta hark ukatu egin zuela.
2023-9-25
https://www.berria.eus/albisteak/233173/jaurlaritzak-hamarren-bat-igo-du-hazkunde-iragarpena-17raino.htm
Ekonomia
Jaurlaritzak hamarren bat igo du hazkunde iragarpena, %1,7raino
Aurten 13.000 lanpostu sortzea espero du, eta beste 16.000 datorren urtean.
Jaurlaritzak hamarren bat igo du hazkunde iragarpena, %1,7raino. Aurten 13.000 lanpostu sortzea espero du, eta beste 16.000 datorren urtean.
Joan den astean kaleratu zituen Eustatek urteko bigarren hiruhilekoari buruzko kontu ekonomikoak, eta industriaren pattalaldiaren ondorioz hazkundea moteldu zela egiaztatu zuen. Eusko Jaurlaritzak, baina, irakurketa positiboa egin du orduko datu horri buruz, ekonomia «uste baino dinamikoago» portatu zela iritzita. Ondorioz, 2023rako hazkunde iragarpena hamarren bat igo du, ekainean iragarritako %1,6tik orain dioen %1,7raino. Datorren urtera begira, ez du aldaketarik egin Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Sailak: BPGa %2,1 haziko dela uste du. Pedro Azpiazuren taldeak uste du jarduera ekonomikoa hazi egin dela amaitzear dagoen hiruhilekoan, baina gero berriro motelduko dela urtearen amaieran. 2024 hasieratik aurrera, berriro hazkunde erritmoa bizituko du: %1,5 lehen hiruhilekoan, %1,7 bigarrenean, %2,3 hirugarrenean eta %2,9 laugarrenean. Jaurlaritzak nabarmendu duenez, Eustaten azken berrikuspenak erakusten du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiak 2022ko bigarren hiruhilekoan berreskuratu zuela pandemiaren aurreko maila, eta gaur egun hori baino bi puntu handiagoa dela. Azken hiruhilekoetan industriak moteltzera egin duela aitortu du Azpiazuk, eta Europako beste herrialdeetan gertatzen ari den fenomenoa dela oroitarazi du. Azken hiruhilekoan uzkurtu egin zen (-%0,5), baina Jaurlaritzak ez du espero egoera hori asko luzatzerik. 2023 osorako %1,2ko hazkundea aurreikusi dio sektore horri, eta %1,5ekoa datorren urtean. Egoera nahiko egonkorra izango da zerbitzuetan, %2ko eta %2,2ko hazkundearekin aurten eta datorren urtean. Langabezia tasa, %7ra Hazkunde hori nahikoa izango da enplegua sortzeko: 13.000 lanpostu aurten, eta beste 16.000 datorren urtean. Horrenbestez, langabezia tasak jaisten jarraituko du: batez beste %7,7koa izango da 2023an, eta %7ra jaitsiko da datorren urtean. Are gehiago, 2024ko hirugarren hiruhilekoan %6,5eko tasa baizik ez du espero, txikiena 2008az geroztik. Lan merkatua ez ezik, prezioen igoera ere kezka handia izan da azken bi urteetan euskal herritarrentzat. Bada, problema hori arindu egingo dela uste du Azpiazuk, 2024an %2ra iritsi daiteke eta —hori da Europako Banku Zentralak egokitzat jotzen duen kopurua—.
2023-9-25
https://www.berria.eus/albisteak/233174/ertzainen-mobilizazio-batek-trafikoa-moteldu-du-bilbo-inguruan.htm
Gizartea
Ertzainen mobilizazio batek trafikoa moteldu du Bilbo inguruan
Ertzainak Borrokan plataformak egindako protestak ez du aparteko auto ilararik sortu.
Ertzainen mobilizazio batek trafikoa moteldu du Bilbo inguruan. Ertzainak Borrokan plataformak egindako protestak ez du aparteko auto ilararik sortu.
Ertzainak Borrokan plataformak kalera jo du berriro, eta auto karabana bat egin du Bilboko inguruetan ertzainen lan aldarrikapenen alde. Oraingoan, plataformak Euspel sindikatuko atxikimendua izan du. Protestak trafikoa moteldu du A-8 autobidean eta Bilboko sarreretan, baina ez du aparteko auto ilararik sortu. 07:30ean abiatu dira karabanan parte hartu duten autoak Basauritik eta Sestaotik, eta Bilbo inguruan ibili dira. Protesta Barakaldon amaitu da; han, ertzainek batzarra egin dute, egoeraren berri emateko. Ertzainak Borrokan plataformaren arabera, ertzainek «arazo larriak» dituzte: ez dute agente nahikorik, materialen gabezia ere handia da, eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ez ditu aintzat hartzen. Plataforma joan den maiatzean abiatu zen, eta orain arte sindikatuetatik kanpo antolatu ditu ekintzak, behin baino gehiagotan Ertzaintzaren sindikatuen jarduera baldintzatzea lortu duen arren.
2023-9-25
https://www.berria.eus/albisteak/233175/baionako-bestak-modu-sakonean-birpentsatzeko-eskatu-dute-hainbat-herritarrek.htm
Gizartea
Baionako bestak «modu sakonean birpentsatzeko» eskatu dute hainbat herritarrek
Izen bilketa bat abiatu dute sarean, Baionako Herriko Etxeari eskatzeko galdeketa bat abiatu dezala herritarren artean. «Gure besten bilana latzegia da, eta ezin dugu gehiago onartu».
Baionako bestak «modu sakonean birpentsatzeko» eskatu dute hainbat herritarrek. Izen bilketa bat abiatu dute sarean, Baionako Herriko Etxeari eskatzeko galdeketa bat abiatu dezala herritarren artean. «Gure besten bilana latzegia da, eta ezin dugu gehiago onartu».
«Gehiegi dira baionarrok gure herriko bestetan jasan behar ditugun eta beldurtzen gaituzten gertakariak: erailketa, heriotzak, bortxaketak, sexu erasoak, ziztadak, liskarrak, jendetzaren mugimenduak, irainak, kaka eta pixa karrika bazter guzietan... Gure besten bilana latzegia da, eta ezin dugu gehiago onartu». Honela dio Change-org plataforman abiatu duten izen bilketa aurkezteko testuak. Baionako bestak «modu sakonean birpentsatzeko» herritarren galdeketa bat abiatu dezala eskatu diote herriko etxeari. «Herritar anitz gira gure herriko bestetan aldaketa sakon eta berehalakoa nahi dugunak», adierazi dute. Izan ere, izen bilketa abiatu dutenen iritziz, ez dira soilik «xehetasun batzuk» aldatu behar: «Heldu da bestak modu sakonean birpentsatzeko tenorea, 2024an bertan neurri eta dispositibo ausartak plantan ezarriz». Aurten iragan diren Baionako bestetan lau bortxaketa salatu dira, gizon bat hil dute kolpeka, eta mutil bat hila aurkitu dute haren etxean. Gogoeta horretan, Baionako hiritar guzien parte hartzea beharrezkoa dela azpimarratu dute deitzaileek, besta ofizialen antolaketa bere gain hartzen duen herriko etxeko batzordera mugatu gabe. «Herri galdeketa horrek festen alderdi guztiak barnebildu beharko lituzke; besteak beste, segurtasuna, higienea, jendetza, datak, ordutegiak, prezioak, programazioa, prebentzioa, euskararen lekua, biztanleen eta egitura pribatuen parte-hartzea, komunikazioa, garraioa, aparkatzea, edota soinuztatzea», azpimarratu dute.
2023-9-25
https://www.berria.eus/albisteak/233176/osasun-sistema-publikoaren-alde-mobilizatzera-deitu-dute-azaroaren-11rako.htm
Gizartea
Osasun sistema publikoaren alde mobilizatzera deitu dute azaroaren 11rako
Osasun sistema publikoa helburu duten herri plataformek deitu dute manifestazioetara, eta Bilbon, Donostian eta Gasteizen izango dira. Pribatizazioaren eta osasungintza publikoaren «eraistearen» aurka antolatu dituzte protestak.
Osasun sistema publikoaren alde mobilizatzera deitu dute azaroaren 11rako. Osasun sistema publikoa helburu duten herri plataformek deitu dute manifestazioetara, eta Bilbon, Donostian eta Gasteizen izango dira. Pribatizazioaren eta osasungintza publikoaren «eraistearen» aurka antolatu dituzte protestak.
Osasun sistema publikoaren aldeko aldarriak ez du etenik. Osasungintza publikoaren aldeko herri plataformak biltzen dituen OPA koordinakundeak manifestazioetara deitu du azaroaren 11rako Bilbon, Donostian eta Gasteizen. Osakidetza «pribatizatzeko» asmoen aurka mobilizatzera deitu dituzte herritarrak. OPA koordinakundearen ustez, mobilizazioa da «tresnarik eraginkorrena» osasun sistema publikoaren «eraistea» gelditzeko. Osasungintza publikoaren aldeko herri plataformek topaketa egin zuten larunbatean Araian (Araba) osasun publikoaren egoera aztertzeko, eta han egindako gogoetaren ostean erabaki zuten mobilizazioetara deitzea. Topaketa horretan, herri plataformek kezka agertu zuten Osakidetzako eta Osasunbideako itxaron zerrendak murrizteko Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak pazienteak sare pribatura bideratzeko hartutako erabakiekin. Eusko Jaurlaritzari egotzi diote osasun publikoaren alde egindako eskaera sozialaren aurrean emandako erantzuna izatea «osasun publikoa ahultzen eta desegiten jarraitzea», eta, aldi berean, sare pribatua «gizentzea»: «Negozio biribila ateratzen zaie: itxaron zerrenden kopuruak klinika pribatuetara desbideratuz apaintzen dituzten bitartean, egiturazko arazoak konpondu gabe jarraitzen du». Herri plataformen ustez, itxaron zerrenden arazoa pandemiaren ondorio direla esatea «gezurra» da. «Osasun publikoa eraistea lehenagotik dator. Osasun sistema publikoaren eta pribatizatzeko politikaren desegite programatuaren ondorio zuzena da», ohartarazi dute. Azpimarratu dutenez, herritarrak ez dira «ergelak», eta gobernuaren «manipulazioaz» ohartu dira, are gehiago murrizketen eta pribatizazioaren ondorioak euren azaletan pairatzen dituztenean: «Hala nola itxaron zerrendak, etengabeko arreta guneen itxierak, osasun zentroetako arreta ordutegien murrizketak, aurrez aurreko arreta lortzeko zailtasunak, lehen mailako arretaren eta ospitaleetako larrialdien kolapsoa...». Osakidetzak «%100ean publikoa» behar duela aldarrikatzeko eta Eusko Jaurlaritzaren «manipulazio estrategiari» erantzun sozial «irmoa» emateko garaia dela uste dute. Mobilizazioen bidez aldarrikatu nahi dute osasun eredu publiko «parte hartzailea» eta «gardena», eta eskatu nahi dute osasungintzan egindako «murrizketa guztiak» bertan behera uzteko eta euskal herritarren eskaerei egokitutako «egiturazko aldaketak» egiteko.
2023-9-25
https://www.berria.eus/albisteak/233177/euskara-ingurune-digitalean-sustatzeko-ziztada-jaso-du-ehuko-hitz-zentroak.htm
Gizartea
Euskara ingurune digitalean sustatzeko ziztada jaso du EHUko Hitz Zentroak
Eusko Jaurlaritzak 1,68 milioi euro eman dizkio zentroari teknologia berriak iker ditzan, euskararen presentzia areagotzeko errealitate digitalean eta adimen artifiziala eskaintzen ari den abagunea gal ez dadin.
Euskara ingurune digitalean sustatzeko ziztada jaso du EHUko Hitz Zentroak. Eusko Jaurlaritzak 1,68 milioi euro eman dizkio zentroari teknologia berriak iker ditzan, euskararen presentzia areagotzeko errealitate digitalean eta adimen artifiziala eskaintzen ari den abagunea gal ez dadin.
Adimen artifizialari esker lor daiteke hiztun edo testu batean euskararen gaitasun maila era automatikoan antzematea; edota euskarazko ahots pertsonalizatuen teknologia adimen urrikoengana iristaraztea. Ez hori bakarrik: ahots espontanearen transkripzioa egiteko teknologia garatu daiteke; eta euskara elkarrizketa sistema ahaltsuenen pare jarri ere, esaterako. Ez dira erronka apalak, baina EHUko Informatika Fakultateko Hitz Zentroak aurre egin nahi die lan horiei, «euskara ingurune digitalean areagotzeko». Aurrerantzean, zentro horretan aritzen dira 70 ikerlariek --informatikari, hizkuntzalari eta ingeniariak-- Eusko Jaurlaritzak zentroari eman dion 1,68 milioi euroko diru laguntzaren babesa izango dute beren zereginean jarraitzeko. Ziztada horrek izango du bigarren helburu bat, gainera: Hitz Zentroak CLARIAH-EUS sarea sortu du, Europako CLARIN eta DARIAH azpiegitura zientifikoetan erkatuta, eta hura bultzatu nahi dute. Azpiegitura horietako 137 ikertzailek eta euskara ikertzen ari diren 11 taldek eta erakundek babestu dute CLARIAH-EUS sarea, besteak beste humanitate, arte eta zientzia sozialetan ikerketa sustatzeko eta elkarrekin partetatzeko datu zein tresna digitalen erabilera. Eskara batua eta Mitxelena Jaurlaritzako Kultura eta Hizkutza politikako sailburu Bingen Zupiriak eta EHUko errektore Eva Ferreirak bisita egin diote gaur Hitz Zentroko ikerlariei, haien buru Eneko Agirre zuzendaria izan dela. Zupiriak esan du «eremu digitalean hizkuntza hegemonikoak» direla «jaun eta jabe», batez ere ingelesa, eta «beharrezkoa» dela euskarak ere «bere tokia» hartzea alor horretan: «Bestela beste hizkuntza batzuek hartuko dute espazio hori». Zupiriak erantsi du «ezinbestekoa» dela hizkuntza teknologia lantzea, eta «trakzio lana» egin nahi duela Jaurlaritzak helburu horren alde. Sailburuak adimen artifizlalak sortutako bere ahots pertsonalizatuaren lagin bat entzuteko aukera ere izan du Hitz Zentroan. Bestalde, Eva Ferreira EHUko errektoreak uste du «benetako iraultza teknologikoa» bizi dugula. «Errealitate materialari errealitate birtuala gehitu zaio, eta gaur egun jada, ez dago bizirik iraungo duen giza errealitaterik mundu digitalean korrespondentzia egokirik ez badu», azaldu du. Eta horrek ondorio «argi bat» duela erantsi du: «Euskarak hor egon behar du, eta indartsu, baliabide egokiekin». Ferreirak gogoratu du 1970ko hamarkadan euskara estandar bat egiten hasi zirela hizkuntzalariak eta Koldo Mitxelenak oso argi esan zuela batasunik gabe euskarak ez zuela gerorik izango; batasunarekin ere biziraupena ez zegoela bermatua argitu zuen Mitxelenak, baina batasunik gabe segurua zela euskararen galera. Bada, egun euskarak alor digitalean behar duen presentziarekin alderatu du ideia hori Ferreirak. Testu eta ahotsen datu bilketa masiboa Izan ere, egungo eta etorkizuneko teknologiek testuzko eta ahozko datu-masa erraldoiak eskatzen dituzte hizkuntza bakoitzeko, eta, aldiz, euskarak eskaini ahal dituen datuak ez dira nahikoak, teknologia horiei etekina ateratzeko, eta gailu horiek behar adina kalitatea eskaintzeko. Hor dago Hitz Zentroaren benetako erronka, zentroko zuzendari Eneko Agirrek esplikatu duenez: «Egungo teknologiak hiztun askoko hizkuntzetan oso ondo aritzen dira, baina hiztun gutxiagokoetan kalitate eskasa ematen dute. Gure ikerketa batek erakutsi du egun dagoen euskarazko testu-masarekin ezin direla elkarrizketa-sistemen motore diren hizkuntza eredu ahatsuenak euskaraz entrenatu, eta ahotsarekin ere berdin gertatzen da». Horregatik, Hitz Zentroan eredu berriak eraikitzeko metodoak ikertzen ari dira, eta horren osagarri gisa, testuzko eta ahozko datu-masak biltzen ari dira. Agirrek esan du eraikitzen dituzten eredu eta algoritmo guztiak inguruko zentro teknologiko eta enpresekin «era librean» partekatuko dituela EHUk, betiere euskararen presentzia handitzeko alor digitalean. Eta azken mezu bat ere helarazi dio euskalgintzari: «Euskarazko hizkuntza teknologia propioa eta kalitatezkoa nahi badugu, testu eta ahotsen datu bilketa masiboa abiatu beharra dago, eta erakunde publiko nahiz pribatuen eskuzabalatasuna gako izango da horretan».
2023-9-26
https://www.berria.eus/albisteak/233178/europako-auzitegiak-ebatzi-du-frantziak-legez-kanpo-kanporatzen-dituela-migratzaileak-mugan.htm
Gizartea
Europako Auzitegiak ebatzi du Frantziak legez kanpo kanporatzen dituela migratzaileak mugan
Europako Batasuneko Justizia Auzitegiaren arabera, etorkinek eskubidea dute «beren baitarik Frantziatik ateratzeko», eta, beraz, Frantziako Poliziak egiten dituen kanporatzeak ez dira legezkoak. Printzipioz, auzitegi horren erabakia bete behar du Frantziak, baina Barne Ministerioak errana du ez dituela kenduko kontrol horiek.
Europako Auzitegiak ebatzi du Frantziak legez kanpo kanporatzen dituela migratzaileak mugan. Europako Batasuneko Justizia Auzitegiaren arabera, etorkinek eskubidea dute «beren baitarik Frantziatik ateratzeko», eta, beraz, Frantziako Poliziak egiten dituen kanporatzeak ez dira legezkoak. Printzipioz, auzitegi horren erabakia bete behar du Frantziak, baina Barne Ministerioak errana du ez dituela kenduko kontrol horiek.
Irailaren 21ean emandako ebazpen batean, Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak adierazi du EBko herrialde batek, barne mugetan kontrolak ezarri baditu ere, ez duela eskubiderik mugetan kanporaketa sistematikoak egiteko. Hala, Frantziak Europako Itzulera zuzentaraua bete behar du; horren arabera, europarra ez den herritarrak «epe jakin bat du lurraldea borondatez uzteko». Horiek horrela, Frantziak mugetan egiten dituen kontrolak legez kanpokoak direla baieztatu du Europako auzitegi gorenak. Izan ere, Frantziako Estatu Kontseiluak dei egin zion Europako Batasuneko Justizia Auzitegiari Europako barne mugetan kontrolak berrezarri izanari buruz ebatz zezan. Frantziako Estatu Kontseiluari dagokio orain bere erabakia ematea, Europako Batasuneko Justizia Auzitegiaren erabakia Frantziako zuzenbidera egokituz. Halere, migratzaileen aldeko elkarteek Frantziako Gobernuari galdetu diote «berehala» geldi ditzan kontrol horiek, Estatu Kontseiluaren erabakiaren beha egon gabe. Migratzaileen defentsarako elkarteak duela zortzi urte hasi ziren eginmolde hori salatzen. Hendaia (Lapurdi) eta Irun (Gipuzkoa) arteko mugan, kasurako, behaketa lanak egin ditu 2019 eta 2023 bitartean Cafi Migratzaileen Defentsarako Elkarteen Koordinakundeak, eta ondorioztatu du kanporatze horiek legez kanpokoak direla. Izan ere, Frantziako Poliziak sistematikoki zuriak ez diren pertsonak kontrolatzen dituela salatu dute ikerketa horretan. Bestalde, ikusi dutenaren arabera, poliziek ez dizkiete beren eskubideak jakinarazten kanporatzen dituzten migratzaileei —hori bera legez kanpokoa da, Frantziako zuzenbidearen arabera—. Darmanin, kontrolak indartzen Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroak, ordea, jadanik iragarri du ez dutela beteko EBko araua: atzo erran zuen egiten dituzten kanporatzeak legezkoak direla «etorkin gehienek ez baititute betetzen Frantzian egoteko baldintzak». Denbora berean, iragarri du 200 jendarme eta polizia gehiago joanen direla Italiako mugara —denetara, 700—, Lampedusara heldu diren etorkinei Frantziara sartzea oztopatzeko. «Funtsezkoa da Barne Ministerioak mugak babesteko baliabideak izatea», esan zuen. Francisco Sanchez Baionako abokatuak azaldu du Europako Batasuneko Justizia Auzitegiaren erabakia «tresna» bat gehiago izanen dela etorkinen defentsarako. «Izan ere, nahiz eta Frantziak araua hausten segitu, errefuxiatuek beren kanporatzeari buruzko helegiteak jarriz gero irabaziko lukete», adierazi du. Baina zehaztu du kanporatuak diren etorkin arras gutik jartzen dutela helegitea, tamalez. Migratzaileen aldeko elkarteek gogora ekarri dute, gainera, migrazio bideak arriskutsu bilakatu direla mugetako kontrol sistematiko horien ondorioz, geografikoki hala ez badira ere. Erraterako, Lapurdi eta Gipuzkoa arteko mugan, zortzi migratzaile hil dira muga igaro nahian.
2023-9-25
https://www.berria.eus/albisteak/233179/nafarroako-auzitegi-nagusiak-ontzat-jo-du-lehen-hezkuntzan-segregazioa-diruz-ez-laguntzea.htm
Gizartea
Nafarroako Auzitegi Nagusiak ontzat jo du Lehen Hezkuntzan segregazioa diruz ez laguntzea
Opus Deiren Irabia-Izaga eskolak paratutako helegitea atzera botata, oniritzia eman dio ituna duten eskoletan segregazioa debekatzen duen Nafarroako Gobernuaren ebazpenari
Nafarroako Auzitegi Nagusiak ontzat jo du Lehen Hezkuntzan segregazioa diruz ez laguntzea. Opus Deiren Irabia-Izaga eskolak paratutako helegitea atzera botata, oniritzia eman dio ituna duten eskoletan segregazioa debekatzen duen Nafarroako Gobernuaren ebazpenari
Lehen Hezkuntzan sexuaren arabera segregatzen duten ikastetxeei diru publikorik ez ematea onetsi du Nafarroako Auzitegi Nagusiak. Legeak konstituzioa betetzen duela onartu denez gero, auzitegiak ontzat jo du Nafarroako Gobernuak Lehen Hezkuntzako itunen inguruan hartu zuen erabakia, eta atzera bota du Opus Deiren Irabia-Izagak neurri horri paratutako helegitea. Otsailaren 5eko 2021/35 ebazpena zuen ikastetxe pribatuak jopuntuan. Horren arabera, segregazioa modu mailakatuan deuseztatu behar zuten Lehen Hezkuntzako ikastetxeek 2021-2022ko eta 2026-2027ko ikasturteen artean, diru publikoa jasotzen jarraitu ahal izateko. Irabia-Izaga ikastetxeari hezkuntza ituna berritu zioten 2021ean, eta ordutik hezkuntza mistoa ezarriz joan da, modu progresiboan. Gaur egun, Lehen Hezkuntzako lehenbiziko hiru ikasturteetan ez ditu ikasleak sexuaren arabera segregatzen, baina bai azkenengo hiru ikasturteetan. PSN kontent Nafarroako Parlamentuan egindako adierazpenetan, Ramon Alzorriz PSNren bozeramailea kontent agertu da auzitegiaren erabakiarekin: «Berdintasuna gailendu zaio PP eta VOXen sektarismoei». Alzorrizek esan du Nafarroako Gobernua «legez» eta «zorroztasun juridikoz» aritu dela sexuaren arabera ikasleak banatzen dituzten ikastetxeen itun ekonomikoen aferan.
2023-9-25
https://www.berria.eus/albisteak/233180/euro-7-urardotu-bat-onartu-dute-ebko-gobernuek.htm
Ekonomia
Euro 7 urardotu bat onartu dute EBko gobernuek
Proposamenak ez ditu behartuko autogileak beren ibilgailuen motorren CO2 eta NOx isuriak gutxitzera, baina pneumatikoek eta galgek isuritako partikulak gutxitu beharko dituzte. Europako Parlamentuarekin negoziatu beharko dute orain.
Euro 7 urardotu bat onartu dute EBko gobernuek. Proposamenak ez ditu behartuko autogileak beren ibilgailuen motorren CO2 eta NOx isuriak gutxitzera, baina pneumatikoek eta galgek isuritako partikulak gutxitu beharko dituzte. Europako Parlamentuarekin negoziatu beharko dute orain.
Europako Parlamentuak eragozten ez badu, autogileek ez dute askorik egin beharko 2035 arte beren ibilgailuen CO2 eta beste gas kutsagarrien isuriak gutxitzeko. Izan ere, industriaren eta haren babesle dien estatuen presioaren ondoren, Europako Batasuneko gobernuek Euro 7 arauaren proiektu bigundu bat onartu dute gaurko bileran. Ahobatezkotasunik ez da izan EBko ministroen artean, eta gehiengo kalifikatu batek onartuta egin du aurrera proposamenak. Haren arabera, 2025etik 2027ra atzeratuko da Euro 7 indarrean jartzeko urtea. Beste bi urte emango dizkiete kamioiei, 2029 arte. Euro 7 arauaren berritasun nagusia izango da aurrerantzean pneumatikoen eta galgen partikulen isuriak gutxitu egin beharko dituztela. Auto elektrikoen sistemei ere eragingo die. Errekuntza motorren CO2-aren eta beste gas kutsagarrien mugak ez dira txikituko. 2015az geroztik Euro 6 dago indarrean, eta, haren arabera, gasolinazko motor batek gehienez gramo bat CO2 isur dezake kilometroko, eta diesel motor batek, 0,5 gramo. NOx gas kutsagarriari dagokionez, dieselak gehienez 0,08 gramo isur ditzake, eta gasolinak, berriz, 0,06. Tarteko helmuga bat 2035 gorriz markatuta dago auto ekoizleen eta saltzaileen egutegian. Urte horretako urtarrilaren 1etik aurrera, debekatuta edukiko dute Europako Batasun osoan errekuntza motorreko auto berririk saltzea. 1886. urtean Benz Patent-Motorwagen lehen auto komertzialarekin hasitako ibilbidea ixten hasiko da orduan Europako auto industria, gas kutsagarrien isuriak gutxitzeko helburuarekin. Txirrindularitzan bezala, helmuga nagusi horren aurretik tarteko helmuga bat jarri nahi zuen Europako Batzordeak, Euro 7 izenekoa. Aurreko arauek bezala, koskaz koska autogileak estutzea zen asmoa, beren ibilgailuen kutsadura apal zezaten. Aurreko arauekin bezala, trabak jarri dituzte orain ere auto ekoizleek, eta oraingoan argudioak funtzionatuko duela dirudi: merezi al du milaka milioi euro gastatzea, soilik urte gutxi batzuk indarrean izango den arau bat betetzeko? Ez al da hobe dirua inbertitzea auto elektriko hobeak eta merkeagoak garatzeko? Argudio horien aurka, ingurumenaren alde dauden taldeek erabilitako beste bat: Euro 7ko autoek ez diote 2035ean zirkulatzeari utziko, egutegia betez gero errekuntza autoek ez baitute zirkulatzeko debekurik izango 2050. urte arte. Hau da, Euro 7 araua bete behar duten autoak luze ibiliko direla Europako errepideetan. EBko gobernuek gaur onartutakoa Europako Parlamentuarekin negoziatu beharko dute.
2023-9-25
https://www.berria.eus/albisteak/233181/kaledonia-berriko-independentistek-lehenengoz-ordezkaritza-lortu-dute-frantziako-senatuan.htm
Mundua
Kaledonia Berriko independentistek lehenengoz ordezkaritza lortu dute Frantziako Senatuan
FLNKS Askatasun Nazionalerako Fronte Sozialista Kanakeko kide Robert Xowie independentista aukeratu dute goi ganberako senatari. Eskuin muturrak hiru senatari lortu ditu.
Kaledonia Berriko independentistek lehenengoz ordezkaritza lortu dute Frantziako Senatuan. FLNKS Askatasun Nazionalerako Fronte Sozialista Kanakeko kide Robert Xowie independentista aukeratu dute goi ganberako senatari. Eskuin muturrak hiru senatari lortu ditu.
Lehen begi kolpean, irudi dezake ez zela aldaketa handirik izan Frantziako Senatuaren eserlekuen erdiak berritzeko atzoko bozketan. Baina izan zen estreinako gertakari bat: lehenengoz, Kaledonia Berriko independentistek ordezkaritza lortu dute goi ganberan. Askatasun Nazionalerako Fronte Sozialista Kanakeko (FLNKS) kide Robert Xowie izango da ordezkaria, bigarren itzulian gailendu ondoren. Harekin batera, senatuan eserlekua lortzeko hautagai zen Sonia Backes Kaledoniako Errepublikanoak (LRC) alderdiko presidentea. Baina lehenengo itzulian hirugarren izan ondoren, goi ganberara iristeko aukerarik gabe gelditu zen —bi hautagai lehiatu ziren bigarren itzulian—. Behin betiko emaitzak jakinarazi eta gutxira, zera idatzi zuen Facebook sare sozialean: «Datozen asteetan ikusiko ditugu alde ez independentistaren saldukeriaren ondorioak». Elkarretaratzea alderdi kontserbadore eta loialistako hautagai Georges Natureli zuzendu zizkion hitz horiek. Bera zen eserlekua lortzeko beste hautagaia, eta lehen itzulian Backesi aurrea hartuta, bigarren itzulira iritsi zen. Bada, hari eta haren boto emaileei «traizioa» eta «hautagai independentistaren alde» egitea leporatu zien. Ikusteko dago independentisten garaipenak zer eta nolako ondorioak izango dituen, baina atzoko bozek argi adierazi zuten Kaledonia Berriko independentismoa indartsu dagoela. Frantziako Gobernuak, eta independentistek eta loialistek, iazko azaro amaieran berrabiarazi zituzten Ozeaniako uhartediaren etorkizunari buruzko negoziazio politikoak. Oraingoz, bien arteko desadostasunak nabarmenak dira. Subiranistentzat, elkarrizketen oinarriak «independentziara iristea» izan behar du; Frantziako Gobernuarentzat, berriz, «proiektu berri bat eraikitzea Frantziaren barnean». Azken urteotan, deskolonizazio prozesuko hiru independentzia erreferendum egin dituzte Kaledonia Berrian: 2018an, 2020an, eta, azkena, 2021ean. Galdeketak huts egin zuen horietan guztietan, baina azkenak hautsak harrotu zituen. Izan ere, boikota egin zuten independentistek, eta horrek eragin zuen ezezkoak irabaztea. Eskuina, lehen indarra berriro Frantziako goi ganberako eserlekuen erdiak berritu zituzten atzoko bozetan —348 ditu, eta 172 eserleku berritu zituzten—. Hiru urtetik behin berritzen dute senatuaren erdia, baina goi ganberako senatariak ez dituzte herritarrek aukeratzen, horien ordezkari politikoek baizik; alegia, diputatuek, senatariek, kontseilariek eta hautetsiek. Denera, 1.829 hautagai zeuden atzo eserlekuari eusteko edo horra iristeko lehian, eta 89.000 «hautesle gorenek» eman zuten botoa. Berritasunak izan ziren arren, indar orekan ez zen aldaketa nabarmenik izan, eskuindarrek gehiengoa izaten jarraituko baitute. Errepublikanoak (LR) alderdiak izango luke ordezkaritza handiena, duela hiru urte baino sei senatari gehiagorekin, 151ra iristeraino. «Garaipen eder bat» izan zen atzokoa haientzat, alderdiko buruzagi Eric Ciottiren arabera. Eskuindarrek goi ganberan duten indarraren adibide da, hain zuzen, senatuko presidente Gerard Larcher. Laugarren aldiz eutsiko dio karguari, 2008an, 2014an eta 2017an bezalaxe. Bestalde, eskuin muturreko Fronte Nazionalak (FN) hiru senatari lortu ditu. Alderdiko buru Marine Le Pen pozik agertu zen emaitzarekin. Haren arabera, eskuin muturrak goi ganberan ordezkaritza izateak ahalbidetuko du «patriotak senatuan behar bezala ordezkatuta egotea eta Frantziaren alde sustatzen dituzten ideiak defendatzea». LRk atzetik izango lituzke Alderdi Sozialista eta Batasun Zentrista talde parlamentarioa. Emmanuel Macron Frantziako presidentearen Errepublika Martxan (LREM) alderdiak, berriz, beherakada nabarmena izan du beste behin. Zazpi senatari soilik lortu ditu, iaz baino hamahiru gutxiago.
2023-9-26
https://www.berria.eus/albisteak/233182/langileek-greba-egiteko-arrazoi-asko-dituztela-salatu-dute-elak-eta-labek.htm
Ekonomia
Langileek greba egiteko arrazoi asko dituztela salatu dute ELAk eta LABek
EAJko agintariek Alderdi Egunean esanikoei erantzun diete sindikatu subiranistek, eta gizarteari bizkarra ematea leporatu.
Langileek greba egiteko arrazoi asko dituztela salatu dute ELAk eta LABek. EAJko agintariek Alderdi Egunean esanikoei erantzun diete sindikatu subiranistek, eta gizarteari bizkarra ematea leporatu.
ELA eta LAB sindikatuei ez zaizkie gustatu EAJko agintariek Alderdi Egunean greben inguruan esanikoak. Sindikatu subiranistek erantzuteko baliatu zituzten atzoko agerraldiak, eta Iñigo Urkulluri gizartetik «deskonektatuta» egotea leporatu zioten, eta gogoratu zuten greba egitea ez dela «gutizia bat» langileentzat. Biek nabarmendu zuten sektore publikoan antolaturiko bi greba egunek —urriaren 25erako eta abenduaren 19rako— zilegitasun osoa dutela. Mitxel Lakuntza ELA sindikatuko idazkari nagusiak ere erantzun zion lehendakariari, eta egotzi zion «arazo bat» izatea onartzeko demokrazietan sindikatuak garrantzitsuak direla eta langileek borroka egiten dutela beren baldintzak hobetzeko. «Aurreko astean, Urkulluk berak galdetu zuen ea nola zen posible langileek baldintza onenak dituzten herrialdean antolatzea greba gehien. Bada, konturatu gabe erantzuna eman zion bere galderari». Ikusi gehiago: Azken bi urteetan oinarrizko elikagaien prezioa %25,2 igo dela kalkulatu du ELAk Gai berean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sektore publikoan deituriko grebak hartu zituen hizpide. Azaldu zuen funtzionarioen %49,4k behin-behineko kontratua dutela, badirela hamar eta hamahiru urte bitartean lan itun batzuk izoztuta daudela, eta tarte horretan erosketa ahalmena %20 murriztu zaiela langile horiei. «Zer gehiago behar da greba bat egiteko?», galdetu zuen, eta gehitu akordio onak lortzeko modu bakarra borroka egitea dela, eta patronala erakunde publikoak direnean askoz gehiago kostatzen zaiela akordioak lortzea. ELAko idazkari nagusiak kritikan sakondu zuen, eta gehien sufritzen dutenei entzungor egitea leporatu zion Urkulluri: «Hipoteka ordaindu ezin dutenei, hilabete bukaerara iristen ez direnei...». Gizartearekin «deskonektatuta» egotea leporatu zion, eta horrek ondorio larriak izaten dituela salatu: «Zer gertatzen den ikusten ez duenak kostata konponduko du. Gizartean dagoen ezinegona ez da artifiziala. Osakidetzara doanak badaki zer gertatzen ari den». LAB: «Greba ez da gutizia bat»p> LABeko ordezkariak ere oso kritiko mintzatu ziren. Andoni Ortuzar EAJko presidenteak herenegun esan zuen «aberria askatzea eta justizia soziala bermatzea» dela alderdiaren helburu nagusia. Igor Arroyo sindikatuko koordinatzaile nagusiak, ordea, zalantzan jarri zituen haren hitzak: «Nolako justizia soziala eskaini daiteke horrelako neurriak garatzen baldin badira?». Eta segidan eman zuen erantzuna: «Ezin da eskaini». Azken egunotan diskurtsoa aldatzeak ez duela ezertarako balio salatu zuen, eta «benetako erreforma estrategikoa» egiteko eskatu zien jeltzaleei. Ikusi gehiago: Sozietateen gaineko zerga igotzeko garaia dela esan dio LABek Jaurlaritzari Horretaz gainera, Urkulluk esandakoari ere erantzun zion Arroyok, eta argi utzi nahi izan zion sektore publikoko grebak ez direla sindikatuen «bat-bateko gutizia bat». Sektore publikoko langileek behar bezalako baldintzak behar dituztela azpimarratu zuen, eta gogora ekarri zaintza sistemaren aldarrikapenak ere: «Baliabideak izan baditugu, baina behar bezalako politika publikoak garatu behar dira».
2023-9-25
https://www.berria.eus/albisteak/233183/haritz-alberdi-arrillaga-getariako-alkatea-izango-da-udalbiltzako-lehendakari-berria.htm
Politika
Haritz Alberdi Arrillaga Getariako alkatea izango da Udalbiltzako lehendakari berria
Udal eta foru hauteskundeetako emaitzen ostean, Kontseilu Nagusia berritu dute.
Haritz Alberdi Arrillaga Getariako alkatea izango da Udalbiltzako lehendakari berria. Udal eta foru hauteskundeetako emaitzen ostean, Kontseilu Nagusia berritu dute.
Udalbiltzak egitura berritu du. Maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeen ostean, aldaketak izan dira udalen osaketan, eta, horren ondorioz, Udalbiltzaren karguak ere berritu egin dituzte. Udalbiltzako kideak iragan ostiralean egin zuten ezohiko Kontseilu Nagusia, Usurbilen. Ibilbideari buruzko gogoeta egin zuten, eta lehendakari berria hautatu: Jabi Asurmendi Sainz Arakaldoko alkateak Haritz Alberdi Arrillagari eman zion lekukoa. «Ilusioz eta datorrenari eusteko gogoz» hartu du getariarrak lekukoa. Batzorde Eragile berriaren berri ere eman dute, ohar baten bidez. Zazpi kidez osatua dago: Begoña Enbeita Maguregi (Muxikako alkatea), Ioritz Berra Juaristi (Zaldibiako alkatea), Andoni Lariz Bustindui (Ziortza-Bolibarko alkatea), Garazi Urdanpilleta Astibia (Oiartzungo zinegotzia), Agurtzane Solaberrieta Mesa (Usurbilgo alkatea), Karlos Renedo Lara (Bilboko zinegotzia) eta Iban Verdugo Markotegi (Etxarri Aranazko zinegotzia). Norabide berriak Orain arteko ibilbidearen errepasoa egin ondoren, Udalbiltzak adierazi du gogoeta fase batean sartuko dela, aro berri bati ekiteko asmoarekin. Partzuergokideekin batera zehaztuko dituzte Udalbiltzaren eginkizunak, gaur egungo beharrei egokitu nahian. Heldu den urtearen hasieran izango dira ikusgai eztabaida horren fruituak.
2023-9-25
https://www.berria.eus/albisteak/233184/tigist-assefaren-errekorra-400-metro-105-aldiz-115ean-egitea-bezala.htm
Kirola
Tigist Assefaren errekorra: 400 metro 105 aldiz 1:15ean egitea bezala
Etiopiarrak munduko errekor berria ezarri du Berlinen, bi ordu, 11 minutu eta 53 segundoko marka eginda. Iaz korritu zuen bere lehen maratoia. Aurreko errekorra Brigid Kosgei kenyarrak lortu zuen, Chicagon, 2019an.
Tigist Assefaren errekorra: 400 metro 105 aldiz 1:15ean egitea bezala. Etiopiarrak munduko errekor berria ezarri du Berlinen, bi ordu, 11 minutu eta 53 segundoko marka eginda. Iaz korritu zuen bere lehen maratoia. Aurreko errekorra Brigid Kosgei kenyarrak lortu zuen, Chicagon, 2019an.
Tigist Assefak munduko errekor berria ezarri du maratoian: bi ordu, 11 minutu eta 53 segundo. Batez beste, hiru minutu eta zazpi segundoan kilometro bakoitza. 400 metro 105 aldiz 1:15ean egitea bezala. 29 urteko etiopiarrak iaz ezustean lortu zuen garaipena errepikatu zuen atzo Berlingo maratoian, baina orduko marka ia lau minutu hobetuta. Aurreko munduko errekorra Brigid Kosgei kenyarrak lortua zuen, 2019an, Chicagon (AEB): bi ordu, hamalau minutu eta lau segundo. Hura bi minutu baino gehiago jaitsi zuen Assefak. Hamabosgarren kilometrora arte sei korrikalarik eutsi zioten haren erritmoari, baina ordaindu egin zuten gero. Lasterketaren bigarren erdia lehenengoa baino azkarrago egin zuen etiopiarrak. Assefak ibilbide luzea egin du gailurrera heldu arte. Lehen, 800 metroetan lehiatzen zen, baina han ez zen izar bilakatu, nahiz eta 2016an Rio de Jaineroko (Brasil) Olinpiar Jokoetarako sailkatzea lortu zuen —lehen txandan kanporatu zuten—. Horren ostean, Akilesen tendoian izan zuen lesio batek pista albo batera uztera behartu zuen, eta orduan hasi zen errepideko lasterketak prestatzen. Lehiatzen 2018. urtean hasi zen, baina kosta egin zaio nabarmentzea. Tartean pandemia bat bizi izanak ez du lagundu; ia bi urte igaro zituen lehiatu gabe. Entrenamenduetan nabarmentzen ari zen, baina bere lehen maratoia ere, iazko apirilean, ez zen ona izan: bi ordu, 34 minutu eta segundo bateko marka egin zuen Riadeko maratoian, Saudi Arabian. Sei hilabete geroago heldu zen Berlingo garaipena, ezustean. Hemezortzi minutu hobetu zuen bere markarik onena. Saudi Arabian baino zortzi kilo gutxiago pisatzen zuen Assefak. Teknologia gako? Ordutik, Adidasen irudi bilakatu da etiopiarra. Askoren ustez, errekor berria ezartzeko gakoa izan dira Alemaniako marka horren Adizero Adios Pro Evo 1 oinetako berritzaileak: karbonozko plaka dute, 500 euro balio dute, 138 gramo pisatzen dute, eta behin bakarrik erabil daitezke. Bihar jarriko dituzte salgai, eta badira atletismoan aro berri bat hasi dela diotenak. Assefak berak erantzi, altxatu, eta musu eman zien maratoia amaitutakoan. Atleta gehiagok ere erabili izan dituzte antzeko teknologiak. Izan ere, zapatila berritzaileen inguruko eztabaida ez da berria. Kosgeik aurreko errekorra hautsi zuenean ere, 2019an, zeresana eman zuen gaiak. Assefaren hurrengo erronka 2024ko Parisko Olinpiar Jokoak dira. Lehenik eta behin, sailkatzea lortu behar du. Kipchogek, errekorrik ez Gizonezkoen lasterketan bosgarrenez irabazi zuen Eliud Kipchoge kenyarrak. Hark ere helburutzat zeukan iaz Berlinen bertan ezarri zuen munduko errekorra apurtzea (2:01:09), baina ezin izan zuen. Lasterketaren lehen erdia marka hausteko erritmoan egin zuen (1:00:22), baina indarrak agortu zitzaizkion bigarren erdian. Dena den, 38 urteko korrikalariak inoizko markarik onenetan zortzigarrena egin zuen: bi ordu, bi minutu eta 48 segundo.
2023-9-25
https://www.berria.eus/albisteak/233185/aurreikusitako-porrot-bat-oholtzaratzeko-prozesua.htm
Mundua
Aurreikusitako porrot bat oholtzaratzeko prozesua
Alberto Nuñez Feijoo PPren hautagaia Espainiako presidente izendatzeko prozedura hasiko dute, bihar, Kongresuan. Gaur-gaurkoz, ez dauka inbestitua izateko aukerarik: ez lehen bozketan, ez bigarrengoan.
Aurreikusitako porrot bat oholtzaratzeko prozesua. Alberto Nuñez Feijoo PPren hautagaia Espainiako presidente izendatzeko prozedura hasiko dute, bihar, Kongresuan. Gaur-gaurkoz, ez dauka inbestitua izateko aukerarik: ez lehen bozketan, ez bigarrengoan.
Porrotera kondenatuta dago bihar Espainiako Kongresuan hastekoa den Alberto Nuñez Feijoo PPko presidentegaiaren inbestidura prozedura. Zeren, sekulako ezustekorik ezean, ez dute Espainiako Gobernuko presidente izendatuko; ez gehiengo osoarekin etziko bozketan, ezta soilarekin ere ostiralean, ez baitu horretarako behar besteko babesik. Espainiako Gorteetarako hauteskundeak irabazi zituen joan den uztailaren 23an, eta hilabete bat geroago, behin bi ganberetan ordezkaritza lortu duten alderdiekin mintzatu ondoren, gobernua osatzen ahalegintzeko eskatu zion estatuburuak, Felipe VI.a erregeak. Baina PPren liderra ez da horretarako gauza izan, nahiz eta saiatu den EAJ erakartzen eta PSOEko diputatuak alderdiaren diziplina haustera deitzen. Horrenbestez, bihar hasi eta ostiralean bukatzekoa den prozedurak balioko du, era berean, egiaztatzeko PSOEk badituela berriro gobernatzeko aukerak. Pedro Sanchez beren idazkari nagusi eta Espainiako jarduneko presidentea ziur dago horretarako Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako alderdi subiranisten babesa edukiko duela. Eta paraleloki, Feijook baliatu ditzake prozedurako egunak bere alderdikideen aurrean agertzeko oposizioko lider indartsu baten gisara; edo, bestela, hautagai moduan berriro, Sanchez ere inbestitzen ez badute hauteskundeak errepikatuko lituzketelako. Ia-ia gutxienekoa da biharko saioan —12:00etan hastekoa da— aurkeztekoa den programa. Sei estatu itun plazaratzeko da. Sanchezek esana dio ezetz; abuztu bukaeran ere ezetz esan zion: planteatu zion bi urtez gobernatzea eta 2025ean, atzera, bozetara deitzea. Ate guztiak itxi dizkiote Feijoori. Espainiako Estatuan, izan hirietan, izan aldundietan, izan erkidegoetan, Voxen besoetara jo duenez, gainontzeko alderdiek kasik entzun ere ez diote egiten PPren liderrari hitz egiten dienean. Etziko bozketan gehiengo osoa beharko luke; hau da, 176 boto. 172 ditu: PPren 137, Voxen 33, eta UPNren zein CC Koalizio Kanariarraren bana. Gehiengo soila lortzea ere ia ezinezkoa du, gaur-gaurkoz diputatu gehiago dituelako kontra alde baino. Orduan, esan daiteke PP oposizioa egiten hasi dela. Atzo, esaterako, mobilizaziora deitu zuen, Madrilen, leporatuta Sanchezi inbestidura posible baten aurrean Kataluniako prozesu subiranistaren ondorioz errepresaliatuei amnistia ematea ahalbidetuko duela, ERC Esquerra Republicanaren eta JxC Junts Per Catalunyaren babesa lortzearren. PPren esanetan, 60.000 pertsona bildu zituen elkarretaratzeak —Espainiako Gobernuak Madrilen daukan ordezkaritzaren arabera, 40.000 izan ziren—. PPren idazkari nagusi Cuca Gamarrarentzat, «arrakastatsua» izan zen ekitaldia. «Erakusten du Espainia esna dagoela, amnistiaren kontra altxatzen dela», adierazi du Onda Cero irratian egin dioten elkarrizketa batean. Horren harira, Voxen idazkari nagusi Ignacio Garrigak iradoki du, agerraldi publiko batean, Espainiako erregeak balizko amnistia baten alde agertu beharko lukeela, argudiatuta 2017an Kataluniako erreferenduma egin zenean «Espainiaren batasunaren bermatzailea» izan zela. Adostasuna eta elkarrizketa Kontrara, Feijoo inbestitzeko prozedura antzutzat jota, PSOEk segitzen du iradokitzen amnistia onartuko duela. Pilar Alegria Hezkuntzako jarduneko ministroari horri buruz galdetu diote TVEko saio batean, gaur, eta erantzun du PSOEk «borondatea» duela «adostasunetan eta elkarrizketetan oinarritutako politikarekin» jarraitzeko. «Horretarako, elkarbizitzaren aldeko erabakiak hartu behar dira». Gogoratu du, bide batez, PSOEk «ahalik eta azkarren» bildu nahi duela Sanchezen balizko inbestidura baterako babesa. Espainiako jarduneko presidenteak nabarmendu zuen, lehengo astean, «koherentea» izango dela Katalunian egiten ari den «normalkuntzarako politikarekin». Adierazpen horiek egin zituen, Oriol Junqueras ERCko liderrak bezperan esan zuelako amnistia jada jasota zegoela Kongresuko presidentetza PSOEri emateko sozialistekin abuztuan egin zuten akordioan. Inork ez du Junquerasek plazaratutakoa gezurtatu. Balizko autodeterminazio erreferendum baterantz pausoak ematea ere bada ERCk Sanchezi jarri dion baldintzetako bat, hari babesa ematearen truke. Kataluniako beste indar subiranista nagusiak ere, JxCk, antzeko baldintzak jarri ditu: Kataluniako independentismoaren «zilegitasun demokratikoa aitortzea», independentisten kontrako «bide judiziala amaitzea», amnistia lege bat onartzea eta hitzarturikoa betetzen dela gainbegiratzeko eta bitartekaritza lanerako mekanismo bat finkatzea. Eta behin Feijooren saiakerak huts egiten baldin badu gerta daitekeenaz hitz egiten hasi dira EH Bildu eta EAJ. Mertxe Aizpurua koalizio independentistak Kongresuan duen bozeramailearen hitzetan, horrek aukera emango luke lurralde auziari buruzko eztabaida hasteko. «Eta bukatu beharko litzateke euskaldunon, katalanen eta galiziarren eskubideak aitortuz», adierazi zien, atzo, kazetariei, ekitaldi batean. EH Bilduk ez dio marra gorririk jarri Sanchezi. Jeltzaleak «ekarpenak» egiteko prest daude Espainiaren gobernagarritasuna bermatzearren, baina Andoni Ortuzar EBB Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak esan zuen, atzo, Alderdi Egunean, horretarako lurralde auziaren eztabaida abiatu behar dela. URRATSAK Bihar: debatea. Alberto Nuñez Feijook bere proposamena aurkeztuko du (12:00). Ondoren, alderdi guztietako ordezkariak mintzatuko dira: ordezkaritza handiena lortu duenetik, txikienera. Denei ez die hitz egiteko denborarik emango. PPko presidentegaiak denei erantzun ahalko die. Etzi: debatea eta bozketa. Bezperan hitz egin ahal izan ez dutenek hitz egingo dute, eta, ondoren, bozketa egingo dute. Feijook gehiengo osoa behar du: 176 aldeko boto. Ostiralean: bozketa. Lehen bozketan gehiengo osoa lortzen ez badu, beste saio bat egingo dute 48 ordu geroago; hau da, ostiralean. Feijook eta beste talde parlamentarioetako ordezkariek hamar eta bost minutuz hitz egin ahal izango dute, hurrenez hurren. Ondoren, bozketa egingo dute. Kasu horretan, Feijook nahikoa luke gehiengo soilarekin; hau da, aldeko botoak kontrakoak baino gehiago izatea. Ondoren: bi hilabeteko epea. Gehiengo soila lortzen ez badu, Espainiako erregeak berriro deituko ditu alderdiak, eta presidentegai bati emango dio gobernua osatzen ahalegintzeko ardura. Lehen bozketatik —irailaren 27a— bi hilabete igarota presidente izendaturik ez badago, erregeak gorteak desegingo ditu eta hauteskundeetara deituko du.
2023-9-25
https://www.berria.eus/albisteak/233186/nafarroako-39-udalerritan-hauteskundeak-egingo-dituzte-azaroaren-26an.htm
Politika
Nafarroako 39 udalerritan hauteskundeak egingo dituzte azaroaren 26an
Maiatzaren 28an zerrendak osatu ez ziren udalerrietarako hauteskunde eguna finkatu du Espainiako Gobernuak: azaroaren 26a. Nafarroako 39 udalerritan ez ziren egin bozak, zerrendak ez zirelako osatu. Besteak beste, Auritzen, Burgin, Izaban eta Zubietan bozkatuko dute.
Nafarroako 39 udalerritan hauteskundeak egingo dituzte azaroaren 26an. Maiatzaren 28an zerrendak osatu ez ziren udalerrietarako hauteskunde eguna finkatu du Espainiako Gobernuak: azaroaren 26a. Nafarroako 39 udalerritan ez ziren egin bozak, zerrendak ez zirelako osatu. Besteak beste, Auritzen, Burgin, Izaban eta Zubietan bozkatuko dute.
Espainiako Gobernuak dekretu bat onartu du Nafarroan udal hauteskundeak egin ez ziren herrietan bozetarako beste egun bat izan dezaten. Azaroaren 26an egingo dituzte udal hauteskundeak udalerri horietan, maiatzean ez zelako udal zerrendarik osatu, eta, beraz, ez zen zinegotzirik bozkatu. Hori gertatu zen, adibidez, Nafarroako 39 udalerritan: besteak beste, Ariben, Auritzen, Burgin, Ezkarozen, Garraldan, Hiriberrin, Izaban, Itzaltzun, Nabaskozen, Orbaizetan, Urzainkin, Uztarrozen, Lezaunen, Arantzan, Areson, Iturmendin, Urrozen eta Zubietan. Hauteskunde prozesu horrek bere kanpaina izango du, gainera, Madrilgo gobernuak jakinarazi duenez. Hamabost egun izango dira aurkezten diren hautagaiek botoa eska dezaten. Azaroaren 10eko gauerdian abiatuko da kanpaina hori, eta azaroaren 24an amaituko da, ostiralarekin.