date
stringdate
2012-09-20 00:00:00
2023-12-01 00:00:00
url
stringlengths
47
182
category
stringclasses
10 values
title
stringlengths
3
140
subtitle
stringlengths
0
1.17k
summary
stringlengths
5
1.18k
text
stringlengths
2
35.8k
2023-9-13
https://www.berria.eus/albisteak/232744/roglicek-anglirun-irabazi-du-eta-kussek-ozta-ozta-eutsi-dio-lidergoari.htm
Kirola
Roglicek Anglirun irabazi du, eta Kussek ozta-ozta eutsi dio lidergoari
Roglicek eta Vingegaardek erasora jo dute, eta atzean utzi dute Kuss taldekidea eta lasterketako liderra. Landa onenen pare aritu da, eta bosgarren jarri nagusian
Roglicek Anglirun irabazi du, eta Kussek ozta-ozta eutsi dio lidergoari. Roglicek eta Vingegaardek erasora jo dute, eta atzean utzi dute Kuss taldekidea eta lasterketako liderra. Landa onenen pare aritu da, eta bosgarren jarri nagusian
Sepp Kussek (Jumbo Visma) 29 urte bete ditu gaur, eta gogotik egin behar izan du putz. Ez kandelak itzaltzeko, Primoz Roglic eta Jonas Vingegaard taldekideei Angliruko malda tenteetan jarraitzeko baizik. Kussek darama soinean Vueltako liderraren elastikoa, baina Roglicek eta Vingegaardek ere jantzi nahi dute, eta gaur, beste behin ere, estu hartu dute estatubatuarra. Hainbeste, ezen zortzi segundo eskasengatik eutsi baitio hark sailkapeneko lehen postuari. Ustekabeko aliatua izan du Kussek: Mikel Landa (Bahrain). Arabarrak zeukan guztia eman du etapa irabazi nahian, eta garaipenak ihes egin dion arren, Jumbokoekin parez pare lehiatzen bakarra izan da. Merezi izan dio ahaleginak, bosgarren postura igo baita sailkapenean. Ezohikoa eta, hein batean, harrigarria da bi txirrindulari lidergoan den taldekide bati eraso egiten ikustea. Txundigarria den bezala goi-mailako lasterketa bat talde bereko hiru txirrindulariren artean jokatzea; are gehiago, lasterketa hori itzuli handi bat bada. Kuss, Vingegaard eta Roglic aurkari guztien gainetik dabiltza, eta Anglirun, Tourmaleten gertatu zen moduan, etapako lehen hiru postuak bereganatu dituzte. Gaur, Roglicentzat izan da garaipena. Ez da erabat gustura geratu, ezin izan duelako Vingegaard atzean utzi. Kussek, ordea, hemeretzi segundo galdu ditu, laugarren izan den Landak bezala. Liderrak zortzi segundora du orain Vingegaard, 1.08ra Roglic, 4.00ra Juan Ayuso (UAE), eta 4.16ra Landa. Borroka horretatik kanpo dago Remco Evenepoel (Soudal), Aubisquen gora hondoratu zenez geroztik. Etapa garaipenak eta mendiko sailkapena ditu orain begiz jota, eta gaur ere ihesari eman dio etapa hasi orduko. Dagoeneko ez du Jumbo Visma taldea mehatxatzen, baina badaezpada ere, kate motzean lotu dute flandriarra. Ekin eta ekin aritu da hura, eta azkenean, Mattia Cattaneo taldekidearekin eta Lorenzo Germanirekin (Groupama) batera egin du alde. Coladiella zen eguneko hiru mendateetan lehena, eta hara bidean, aurreko hirukoteak garondoan sentitu du multzo nagusiaren arnasa. Maldan gora hasita, ezinean gelditu da Germani, eta erritmoa baretu egin dute tropelekoek. Hori horrela, Evenepoel 2.40ko errentarekin iritsi da tontorrera, Cattaneoren babespean. Atzetik Marc Soler (UAE) zuten jarraika, tropelean eraso egin ondoren. Kataluniarra minutu batera hurbildu zaio Soudal taldeko bikoteari, baina esfortzua alferrekoa suertatu zaio azkenerako. Cattaneori egindako lan eskerga eskertu, eta suziria bezala abiatu da Evenepoel Cordaleko lehen aldapetan. Helmuga 26 kilometrora zeukan, eta tropela, oraindik ere hiru minutu ingurura. Bahrainek, baina, lasterketa gogortzeari ekin dio mendate horretan. Flandriarrak, hasiera batean, sendo eutsi dio atzekoen oldarrari; ordea, tentu handiz ibili da Cordaleko jaitsieran, eta 1.20ra hurbildu zaio tropela Angliru igotzen hasi baino lehen. Lehia bizia lainopean Helmugatik 5,6 kilometrora harrapatu dute Evenepoel. Bahrain taldeak jarraitzen zuen tira egiten, eta Wout Poelesen erreleboak askoren ahulezia bistaratu du. Herbeheretarrak distira egin du berriro Anglirun. Ayuso, berriz, sufritzen hasi da, eta ondoren, Enric Mas (Movistar) gelditu da ezinean. Onenen arteko borroka azken hiru kilometroen barruan eta laino artean piztu da. Erritmoz aldatu du Roglicek, eta Landak zuloa ixteko ahalegin antzua egin ondoren, esloveniarrarekin bat egin dute Kussek eta Vingegaardek. Roglicek estutu egin du berriro, eta jarraitu egin dio Vingegaardek; ez, ordea, Kussek. Indartsuenak irabaz beza. Landak Kuss harrapatu du, eta aurretik zirenekin bat egiten saiatu da. Ahalegin hori lidergoari eusteko baliatu du Kussek. Beste defentsa saio gogor bat izango du bihar, La Cruz de Linareseko igoeran bukatuko den etapa menditsuan.
2023-9-13
https://www.berria.eus/albisteak/232745/irati-irizar-alvarezek-irabazi-du-igartza-saria.htm
Kultura
Irati Irizar Alvarezek irabazi du Igartza saria
Nobela proiektuak ‘Ilargi-kutsadura’ du izena, eta Bardean girotuta dago. Birraitonaren hezurren bila dabilen astronomo ospetsu bat eta porrot egin duen zinemagile bat ditu protagonista.
Irati Irizar Alvarezek irabazi du Igartza saria. Nobela proiektuak ‘Ilargi-kutsadura’ du izena, eta Bardean girotuta dago. Birraitonaren hezurren bila dabilen astronomo ospetsu bat eta porrot egin duen zinemagile bat ditu protagonista.
Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAFek sustaturiko 26. Igartza bekak hamabi hautagai batu ditu, zortzi gipuzkoar, hiru bizkaitar eta argentinar bat, eta, guztien artetik, Irati Irizar Alvarezen (Lazkao, Gipuzkoa, 1990) Ilargi-kutsadura nobela-proiektua nagusitu da. Irizarren lehen literatura obra izango denak —gauzak ondo bidean 2024ko udaberrian— Patricio Guzman zinemagile txiletarraren Nostalgia de la luz dokumentala izan zuen hazia. Atacamako basamortuan kokatua, izarrak behatu nahi dituzten astronomoak eta diktaduran desagerrarazitakoen hezur bilatzaileak, batik bat emakumeak, batzen dira han. Itxuraz arras bestelako bi jende multzo iruditu arren, Irizarri saihetsezina egin zitzaion antzekotasuna: «Batzuek gorantz zuzentzen dituzte begiak, aspaldi igorritako argiaren aztarnari jarraiki, hainbat erantzun aurkitu nahian; eta besteak, berriz, beherantz begira, zauriak sendatzeko elementuen bila, baina iraganari begira ari dira denak. Denek iragana jopuntu». Guzmanen dokumentalak zer pentsa eman zion Irizarri, baina, batez ere, Euskal Herria ekarri zion gogora: «Haiek Atacama bezala, Errege Bardea baitaukagu guk, basamortua hori ere, izarrak behatzeko paraje zoragarria, baina, era berean, faxisten sarraski toki ezaguna, 36ko gerran». Gero, handik gertu bizi izandako sekta baten berri izan zuen, «1980ko hamarkadan edo, estralurtarren kontaktua errazago bilatzeko helburuz, kokaleku hura hobetsi zuena». Basamortuko eszenatoki horretan, «istorio mordoa» nahastu zitzaion Irizarri, bat-batean. Harrezkero, garbi eduki zuen bere nobela-proiektuak inguru huts hura behar zuela kokalekutzat. Bardeak agertoki Nobela Bardean girotua da, beraz, baina ez du toki zehatz batera jo, nahiago izan du «herri bat asmatu, fikzioak ematen duen askatasuna aprobetxatzearren». Bi pertsonaia nagusi izango ditu Ilargi-kutsadura nobelak. Bata, sona handiko zientzialaria, emakumezkoa. «Ofizialki, astronomia proiektu bat martxan jartzera helduko da Bardeara», baina badu beste helbururik ere, ezkutuan: «Bere birraitona baten hezurren bila dabil. Han hil zuten 36ko gerran». Beste pertsonaia nagusia, «zinemagile frustratu bat da. Langintza horretan porrot egin ostean, herrira itzuliko da eta estralurtarren kontaktua bilatzen duen sektaren berri jakingo du. Haien peskizan hasiko da berehala». Astronomoaren eta zinemagilearen bilaketak kiribildu egingo dira narrazioan barrena, nobelaren mami nagusia osatu arte. Irizarrek hitz gako bat erabili du buruan darabilen proiektua hobeki azaldu ahal izateko: «Western moderno bat litzateke». Izan ere, «basamortua ez ezik, altxor bilaketa, gaizkileak eta justiziaren morroiak ere» batzen ditu. Horrez gainera, «baita zientzia fikzio apur bat ere». Azken hori literatura generorik gustukoenetakoa duela aitortu du. Izenburua dela-eta, hitz jokoa egin nahi izan du Irizarrek: «Izarrei begiratzeko, argi-kutsadura ekidin beharra dago». Bestalde, ilargiaren alderdi mistikoari ere erreparatu dio, «ilargia, hildakoen argia ere badelako guretzat. Hortaz, ezin aproposago». Puzzle ongi antolatua Irizarren azalpenak entzun ostean, CAFen ordezkari Bianditz Iraolak hartu du hitza gaur Donostian egindako agerraldian. Irizarri entzuteak «ilusioa pizten» duela adierazi du: «Ematen du puzzle kaxa bat ireki duela egileak, baina berak ongi dakiela piezak nola lotu». Planteamenduaren originaltasuna txalotu dio. Iraolak bezala, Beasaingo alkate Leire Artolak ere azpimarratu du halako proiektuak laguntzea eta aurkezpenean idazlearen alboan egotea «plazer handia» dela. Bide batez, 1994. urtean Igartza beka sortu eta martxan jarri zutenak eta «urte luzetan hor izan direnak» —Xabier Mendiguren Elkarreko editoreari begira— zoriondu eta omendu nahi izan ditu, «idazle gazteei laguntza emateaz gain, euskal kultura sustatzea izan dutelako beti gogoan». Irati Irizar Alvarez ingeniaria da ikasketaz, eta irakasle eta aholkulari lanetan ere jardun du.
2023-9-14
https://www.berria.eus/albisteak/232746/bera-barnean-zela-denda-amilduta-hil-zen-golovtxenko-gau-betean.htm
albisteak
Bera barnean zela denda amilduta hil zen Golovtxenko gau betean
Sergey Nilov sokakideak istripuaren eta bere jaitsiera epikoaren xehetasunak eman ditu, Mountain.ru atariari eskainitako elkarrizketan.
Bera barnean zela denda amilduta hil zen Golovtxenko gau betean. Sergey Nilov sokakideak istripuaren eta bere jaitsiera epikoaren xehetasunak eman ditu, Mountain.ru atariari eskainitako elkarrizketan.
«Sergey, erortzen ari naiz», horiexek izan ziren Dmitry Golovtxenko alpinista errusiarraren azken hitzak Gasherbrum IV mendian (7.925 m). Abuztuaren azken eguna zen. Hego-ekialdeko ertz eskalatu gabean, 7.684 metrora heldu ziren egun hartan Dmitry Golovtxenko eta Sergey Nilov. Gaua igarotzeko prestatzen ari zirela gertatu zen ezbeharra. Anna Piunnova Errusiako Mountain.ru mendiko atariaren zuzendariari emandako elkarrizketan azaldu du Nilovek gertatutakoa. Nilov eta Golovtxenko abuztuaren 21ean abiatu ziren kanpaleku nagusitik gailurrerako saioa egiteko asmoarekin. Eguraldi baldintza nahiko makurrak izan zituzten hasieratik, haize zakarra, elurteak..., eta erlaitz txikietan eserita, elkarrengana arrimatuta, igaro zituzten zenbait gau, eskalatzeko asmoa zuten ertzak aukera gutxi eskaintzen baitzuen denda jartzeko. Egunean doi-doi luze pare bat egiten zituzten hego-ekialdeko ertz horretan, eta halabeharrez janaria eta gasa murriztu behar izan zituzten, hurrengo egunetan iraun ahal izateko. Abuztuaren 27an, eguraldiak zertxobait hobera egin eta azkartu egin zuten erritmoa. Abuztuaren 31n, 7.684 metrora heldu ziren. Gertu sumatzen zuten gailurra. Lepoxka txiki batean muntatu zuten denda, gaua igarotzeko. Elurrez eta harriz sendotu zuten nolabait denda, segurtasuneko soka bat jarri zuten harri batean eta beraiek sokara lotu ziren. Dendaren barnean tea hartzen eta lotarako prestatzen ari zirela, jabetu ziren denda ez zegoela ondo finkatuta. Denda, 7.684 metrotan kokatua. Korridore horretan behera irrist egin eta amildu zen, Golovtxenko barnean zela. Sergey Nilov / Mountain.ru Sergey Nilov segurtasuneko sokaren mutur bati lotuta, kanpora atera zen, plataforma zabaltzen eta denda orekatzen saiatzeko. Korapiloa egin eta Golovtxenkori bota zion soka, hau ere lotu zedin. Golovtxenkok desorekatutako dendaren barnean jarraitzen zuen, barneko materialari nola edo hala eutsi nahian, gal ez zedin. Ez zuen denborarik izan sokara lotzeko. Bat-batean, denda irrist egiten hasi zen. «Sergey, erortzen ari naiz», esan zuen orduan Golovtxenkok, eta denda mendian behera amildu zen, alpinista errusiar handia barnean zela. Nilovek egunsentira arte itxaron behar izan zuen jaitsierari ekiteko. Lehen geruza baino ez zeraman soinean. Gainerakoa, dendarekin batera galdu zuen. Laguna erori zen lerroan behera rappelatzea erabaki zuen. Beheranzkoan, material arrastoak aurkitu zituen, eta haiei esker salbatu zuen bizia. Hamabost rappel egin zituen, ainguraleku seguruak finkatzeko gorriak eta bi pasata. Lo-zaku bat ere aurkitu zuen, eta hari eskerrak igaro zituen hurrengo gauak, elurretan kobazuloak eginda. Glaziarrean, lagunaren gorpua ere aurkitu zuen. Dendaren oihalarekin bildu, azken agurra eman, eta kanpaleku nagusirantz jarraitu zuen. Bost egunen buruan, ezer jan eta edan gabe (su txikia aurkitu zuen, baina puskatuta) heldu zen azkenik kanpalekura. Izozteekin, erabat ahituta, muga-mugan, baina bizirik. Anna Piunnovak, Mountain.ru atariko zuzendariak, Golovtxenkoren familiaren gertukoa izanik, haren izenean eskatu du gertatutakoarekin ez espekulaziorik eta epairik egiteko, eta gertatutakoak gertatu diren bezala onartzeko. Golovtxenkok bi alaba zituen. Dmitri Golovtxenkok eta Sergei Nilovek munduko sokaldirik indartsuenetako bat osatzen zuten. Urrezko bi piolet zituzten (mendian ematen duten garaikur nagusia da urrezko pioleta): bata, Thalay Sagar mendian 2016an zabaldutako bideagatik (Dmitri Grigoriev izan zuten sokakide); eta, bestea, 2012an, Muztagh Tower mendiaren ipar-ekialdeko ertzaren lehen igoeragatik (Alexander Lange lagun zutela). 2019an, berriz, berealdiko ahalegina egin zuten Jannu mendiaren ipar-ekialdeko aurpegian. Jaitsiera hil edo bizikoa, epikoa, izan zen. Espedizio hartatik film bikaina sortu zen: The Wall of Shadows (Itzalen horma). Hemen ikus dezakezue trailerra..
2023-9-13
https://www.berria.eus/albisteak/232747/arraunlariaren-polemika-ayusismo-politikoa-dela-salatu-du-otegik.htm
Politika
Arraunlariaren polemika «'Ayusismo' politikoa» dela salatu du Otegik
EH Bilduk hauteskundeetan lor ditzakeen emaitzekin lotu du koalizioko koordinatzaile nagusiak Urdaibaiko arraunlari batek euskal presoak etxeratzeko helarazitako nahiaren harirako auzia: «'Txapotek bozka zaitzala' da, baina eusko labelarekin».
Arraunlariaren polemika «'Ayusismo' politikoa» dela salatu du Otegik. EH Bilduk hauteskundeetan lor ditzakeen emaitzekin lotu du koalizioko koordinatzaile nagusiak Urdaibaiko arraunlari batek euskal presoak etxeratzeko helarazitako nahiaren harirako auzia: «'Txapotek bozka zaitzala' da, baina eusko labelarekin».
EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegi igandean abiarazi zuten Urdaibaiko arraunlariari lotutako polemikari buruz aritu da SER katean. Otegik salatu du «eztabaida artifiziala» dela, eta «beti» sortzen dituela modu horretakoak «talde editorial berak». Ukatu egin du biktimak iraintzeko izan zirela Urdaibaiko Iñaki Goikoetxea arraunlariak euskal presoen alde eman zuen mezuaren ostean igorri zizkion eskerrak, «zenbait ordezkari politikok iradoki duten moduan». Gogoratu du, iaz ere, «antzeko mezua» bidali ziola Urdaibaiko arraunlariari, hark Kontxako Bandera irabazi berritan euskal presoekin gogoratu zenean. «Orduan ez zen ezer gertatu». Ikusi gehiago: Analisia. Xabier Martin: 'Arraunlaria, presoak eta bozak' Zein da bi urteen arteko desberdintasuna, Otegirentzat? «Ika-mika honek hauteskunde kanpainarekin du lotura, ez etikarekin», esan du. Iaz, biktimen elkarte batzuek bere eskerrak salatu zituztela azaldu du, baina biktimekin ez dela eztabaidan sartzen argitu du. «Ez zen egon eztabaida artifizialik, orain bezala». «Denak ez du balio» Gertatu den ika-mika politikoa azaltzeko 2024an egongo diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei erreparatu behar zaie, EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren ustez: «Saiatzen ari dira EH Bildu hazi ez dadin, inkestek aurreikusten duten moduan. Hazkunde hori oztopatu nahi dute, baina oso bidegabea da iradokitzea txio hori idatzi nuela biktimak mintzeko». Kritika politikoa «zilegi» dela uste du Otegik, baina, aldi berean, helarazi du «denak ez» duela balio politikan: «Hau ez da onargarria». Eta gogoratu ondoren aurtengo hauteskunde deialdien itzalean koalizioaren aurkako antzeko polemikak egon direla, oharra eman dio PSOEri; uste du «EH Bilduri egiten ari zaiena, Espainian PSOEri egiten diotenaren parekoa» dela: «Ayusismo politikoa da, trumpismoa. 'Txapotek bozka zaitzala' da, baina eusko labelarekin».
2023-9-14
https://www.berria.eus/albisteak/232766/futbolariek-bertan-behera-utzi-dute-greba-akordioa-lortuta.htm
Kirola
Futbolariek bertan behera utzi dute greba, akordioa lortuta
Hurrengo hiru denboraldietarako gutxieneko soldatak adostu dituzte Lehen Mailako futbolariek eta patronalak: 21.000 euro denboraldi honetan, eta, diru sarrera komertzialen arabera, 23.000ra iristeko aukerarekin; 22.500 euro 2024-2025eko denboraldian, 25.000ra iristeko aukerarekin; eta 23.500 euro 2025-2026ko denboraldian, 28.000ra iristeko aukerarekin. Bihar hasiko da liga.
Futbolariek bertan behera utzi dute greba, akordioa lortuta. Hurrengo hiru denboraldietarako gutxieneko soldatak adostu dituzte Lehen Mailako futbolariek eta patronalak: 21.000 euro denboraldi honetan, eta, diru sarrera komertzialen arabera, 23.000ra iristeko aukerarekin; 22.500 euro 2024-2025eko denboraldian, 25.000ra iristeko aukerarekin; eta 23.500 euro 2025-2026ko denboraldian, 28.000ra iristeko aukerarekin. Bihar hasiko da liga.
Hamaika tirabiraren ostean, ados jarri dira Espainiako Lehen Mailako futbol ligako patronala eta sindikatuak. Horren ondorioz, bertan behera geratu da aurreneko bi jardunaldietarako deituta zegoen greba. Lanuztea dela eta, ez zen jokatu lehen jardunaldia aurreko asteburuan. Baina, akordioari esker, bihar bertan hasiko da liga. Bigarren jardunaldia jokatuko dute. Maila nagusian ari diren hiru euskal taldeek asteburuan ekingo diote lehiari. Athleticek Atletico Madrilen zelaian jokatuko du larunbatean, 12:00etan, eta, ordu berean, Eibarrek Levante Las Planas jasoko du Unben. Realak, berriz, igandean jokatuko du estreinako partida, Granadan (Espainia), 19:00etan. Gauerdian lortu dute akordioa patronalak eta sindikatuek. Espainiako Arbitraje eta Bitartekaritza Zerbitzuaren egoitzan bildu dira berriro, Madrilen. Oraingoan, ordea, ados jarri dira: Lehen Mailako futbolariek 21.000 euroko gutxieneko soldata izango dute denboraldi honetan, 23.000ra iristeko aukerarekin; 22.500 eurokoa 2024-2025eko denboraldian, 25.000ra iristeko aukerarekin; eta 23.500 eurokoa 2025-2026ko denboraldian, 28.000ra iristeko aukerarekin. Urtebeteko negoziazioak Duela urtebete hasi ziren sindikatuak eta patronala hitzarmen berria negoziatzen. Gutxieneko soldataren inguruan maiatzean hitz egin zuten sindikatuek jokalariekin. Bozketa bat ere egin zuten. Egun, 16.000 euroan dago soldata hori, eta sindikatuek hurrengo proposamena egin zuten, hasieran hiru denboraldirako: 20.000 euro aurrenekoan, 25.000 bigarrenean, eta 30.000 azkenekoan. Patronalaren eskaintza, berriz, hau izan zen: 16.500, 17.500 eta 19.000. Guztiak %100eko partzialtasunarekin. Proposamena erretiratu egin zuen gero. Aurreko astean gerturatze bat egon zen arlo horretan. Lehen bileran, sindikatuei presioa egin nahian, patronalak, F ligak, eman zuen horren berri. Haren proposamen berria jakinarazi zuen. Horren arabera, kontratuetan partzialtasuna kenduko litzateke. Gutxieneko soldata 18.000 eurora igoko litzateke, eta hiru denboralditan 25.000 eurora igoko litzateke. Diru kopurua zertxobait igo arren, ez zen egon adostasunik. Bigarren bilera ere ez zen balekoa izan. Denboraldi honetarako gutxieneko soldata 23.000 eurokoa izateko eskatu zuten sindikatuek, baina patronalak 20.000 eurokoari eutsi zion. Hori ikusita, sindikatuek grebara deitu zuten. Horren ondorioz, ez zen jokatu lehen jardunaldia. Astebete pasatuta, eta hamaika negoziazioren ostean, ados jarri dira patronala eta sindikatuak. Hala ere, igoera egon arren, oso urrun dago oraindik gizonezkoen Lehen eta Bigarren Mailako futbolarien gutxieneko soldatatik: 182.000 eurokoa da Lehen Mailakoena, eta 91.000 eurokoa Bigarren Mailakoena. Futbolarien bigarren greba Emakume futbolariek egindako bigarren greba izan da. Kontuan izan behar da 2019ko otsailean sinatu zutela lehen lan hitzarmena Espainiako Ligako emakume futbolariek. Borroka luzea izan zen emakume futbolariena. Izan ere, 2018ko azaroan hasi zituzten negoziazioak. Orduan, traba nagusia kontratuen partzialtasuna izan zen. Jokalariek gutxienez %75ekoa izatea nahi zuten, eta patronalak %50ean jarri zuen marra gorria. Negoziazioak aurrera ez zihoazela ikusita, greba egin zuten jardunaldi batean futbolariek. Azkenean, Mediapro ekoiztetxeak 100.000 euro eman zizkien klubei telebista eskubideak eta zelaietan dauden publizitate estatikoak kudeatzegatik, eta horrek eman du modua egoera bideratzeko. Hitzarmenaren arabera, jardun osoko kontratua zuten futbolariek 16.000 euroko gutxieneko soldata izango zuten urtean; %75ekoa zutenek, berriz, 12.000 eurokoa. Beste hainbat puntu garrantzitsu ere jasotzen zituen lan hitzarmenak. Horien artean zegoen, esaterako, lan jazarpeneko eta haurdunaldi kasuetarako protokoloa. Izan ere, jokalariek, haurdun geratuz gero, ez zuten babesik, klubak kanporatzea erabakiz gero. Gainera, amatasunerako 600 euroren laguntzak aurreikusi ziren akordioan. Oporrak ere arautuko zituzten estreinakoz lan hitzarmenari esker. Hala, jokalariek 30 eguneko oporraldia izango zuten. Aste horiek jarraian eta udan izan behar zuten. Aurreko denboraldian ere, lehen jardunaldian grebarekin hasi zen liga. Orduko hartan, epaileena izan zen. Azkenean, Espainiako Kirol Kontseilu Nagusiak esku hartu behar izan zuen Espainiako Federazioaren eta F ligaren artean. Azkenean, adostasun batera iritsi ziren, sektorea profesionalizatu eta epaileei gutxieneko soldata bat ezartzeko.
2023-9-14
https://www.berria.eus/albisteak/232767/glovoko-207-banatzaile-soldatapeko-langile-direla-berretsi-du-iruneko-epaitegi-batek.htm
Ekonomia
Glovoko 207 banatzaile soldatapeko langile direla berretsi du Iruñeko epaitegi batek
Enpresaren helegitea atzera bota du. Hamar egun ditu Glovok Espainiako Auzitegi Gorenean epaiari errekurtsoa aurkezteko.
Glovoko 207 banatzaile soldatapeko langile direla berretsi du Iruñeko epaitegi batek. Enpresaren helegitea atzera bota du. Hamar egun ditu Glovok Espainiako Auzitegi Gorenean epaiari errekurtsoa aurkezteko.
Epaitegi batek, beste behin, arrazoia eman die Glovoko banatzaileei eta sindikatuei, eta langileen eta enpresaren artean lan harremana dagoela ebatzi du; hau da, soldatapeko langileak direla. Hori bera ebatzi zuen 2022ko azaroan Iruñeko gizarte arloko lehen aretoak, eta, Glovoren helegitea atzera bota ostean, irmoki epaitu du soldatapeko langileak direla. Kasua, beraz, jada ez dago Nafarroako Auzitegi Nagusiaren esku, eta Glovok hamar egun ditu Espainiako Auzitegi Gorenean epaiari errekurtsoa jartzeko. 2020an antzeko epai bat iritsi zen Auzitegi Goreneko epaileen eskuetara, eta Iruñeko epaitegiak ebatzitako bera esan zuen: soldatapeko langileak zirela banatzaileak. Epaitegiaren arabera, 2018ko urriaren eta 2019ko abuztuaren bitartean 207 banatzaileren eta Glovoren arteko harremana laborala zen: «Glovo ez da bezeroen eta banatzaileen arteko bitartekari soil bat». CCOOk plazaratu zuen atzo epaia, eta pozik agertu zen emaitzarekin, eta adierazi zuen halako epaiek gero eta argiago uzten dutela Glovoko eta antzeko enpresetako banatzaileak autonomo faltsuak direla. Hala, azken epai hori Auzitegi Gorenak eta Espainiako hainbat autonomia erkidegoetako Justizia Auzitegi Nagusiek ebatzitako epaiei batuko zaie, eta jurisprudentzia handituko.
2023-9-14
https://www.berria.eus/albisteak/232768/ebzk-45era-igo-ditu-tasak-baina-iradoki-du-ez-duela-hortik-gora-egingo.htm
Ekonomia
EBZk %4,5era igo ditu tasak, baina iradoki du ez duela hortik gora egingo
Lagardek ukatu egin du atzeraldi bat eragin nahian dabiltzala, baina azaldu du ez dutela etsiko inflazioa apaldu arte. Hazkunde iragarpenak bi hamarren jaitsi ditu
EBZk %4,5era igo ditu tasak, baina iradoki du ez duela hortik gora egingo. Lagardek ukatu egin du atzeraldi bat eragin nahian dabiltzala, baina azaldu du ez dutela etsiko inflazioa apaldu arte. Hazkunde iragarpenak bi hamarren jaitsi ditu
Igoeraren eta etenaren artean aukeratu behar zuen Europako Banku Zentralak, eta igoera aukeratu du. Interes tasak beste puntu laurden bat emendatuz, %4,5eraino, inflazioaren aurkako borroka lehenetsi du EBZk, eta bigarren mailan utzi du interes tasa handiek jarduera ekonomikoari egiten dioten kaltea. Hori bai, banku zentralak iradoki du herritarren eta enpresen patrikari beste estualdi bat emateko asmorik ez duela, eta aldi baterako mugimendurik ez duela egingo. Gaur iragarritako igoera hamargarrena da iazko uztailean zero tasen politika alde batera utzi eta diruaren prezioa igotzeari ekin zionetik. Aurreko bileretan ez bezala, oraingoan zalantza handiak zeuden EBZren erabakiari buruz, bata zein bestea hautatzeko nahiko argudio baitzeuden. Baina, berriro ere, belatzak atera dira garaile, «gehiengo solido batekin», Christine Lagarde EBZko presidenteak azaldu duenez. Haren arabera, egoeraren analisian bat etorri dira EBZko kontseiluko kide guztiak, baina ez, ordea, hari eman beharreko erantzunean. Analisi horrek dio interes tasen igoera bortitza bere helburua betetzen ari dela; gero eta modu garbiago batean, gainera. Interes tasa handien ondorioz, maileguen hazkundea moteldu egin da, eta, horri inflazioak kontsumoari egiten dion kaltea gehituta, jarduera ekonomikoa moteltzen ari da, eta, harekin batera, prezioen igoera indarra galtzen ari da. Iazko urrian jo zuen goia inflazioak eurogunean, %10,6ra iritsi zenean. Orduz gero, erdira murriztu da tasa, %5,3raino, baina abuztuan ez zen mugimendurik izan, erregaien garestitzearen ondorioz. Panorama ekonomikoa aldatu ezean, irailean, urrian eta azaroan jaitsiera nahiko handiak espero ditu banku zentralak, konparazioa iazko udazkeneko datuekin egingo delako. Iragarpenak okertu ditu Baina orain gertatzekoa den jaitsierak ez du eragotzi EBZk aitortu behar izatea bere inflazio aurreikuspenetan motz geratu zela. Berriro ere zuzendu ditu: gorantz 2023an eta 2024an —%5,6 eta %3,2—, eta beherantz 2025ean —%2,1—. Hazkunde iragarpenetan, berriz, beherantz egin dute banku zentraleko ikertzaileek: aurten, %0,9tik %0,7ra igaro da; datorren urtean, berriz, %1,5etik %1era. Horrek esan nahi du aurtengo bigarren erdian euroguneko ekonomiak izan behar zuen susperraldia nahiko apala izango dela. «Hazkunde moteleko garai batean gaude, argi eta garbi. Garai zailak datoz», onartu du Lagardek. Atzeraldi bat eragiten ari dela dioten ahotsei, banku zentralaren lehentasunak gogoratu zizkien: «[Interes tasen igoera] Ez dugu egiten atzeraldi bat eragin nahi dugulako, baizik eta prezio egonkorrak nahi ditugulako». Europako Batzordeak ere bere iragarpenak berritu zituen astelehenean, eta hiru hamarren kendu zizkion aurtengo hazkundeari, %0,8raino. «Industria ahul dago, eta zerbitzuak, motel», esan zuen Paolo Gentiloni Ekonomia komisarioak. «Ekarpen nabarmena» Ekonomia ahul horri interes tasa are handiagoekin kalte gehiago ez egiteko asmoa erakusten du EBZren agiriak: «Gobernu kontseiluak uste duenez, EBZren interes tasak hartu duten mailak, aldi nahiko luze batean hala utziz gero, ekarpen nabarmena egingo du inflazioa bere helburura itzul dadin». Esaldi horren bitartez uler daiteke interes tasak %4,5ean egon daitezkeela aldi nahiko luze batean, baina Lagardek zehaztu nahi izan du ateak irekita daudela, gehiago igotzeko, baina ez tasak jaisteko. «Orain, eztabaida iraupenari buruzkoa da, baina horrek ez du esan nahi, ezin dugulako esan, tasek goia jo dutela».
2023-9-14
https://www.berria.eus/albisteak/232769/presen-zubillaga-militante-feminista-hil-da.htm
Gizartea
Presen Zubillaga militante feminista hil da
Zabaldi elkartasun etxeko eta 78ko Sanferminak plataformako bultzatzaileetako bat izan zen.
Presen Zubillaga militante feminista hil da. Zabaldi elkartasun etxeko eta 78ko Sanferminak plataformako bultzatzaileetako bat izan zen.
Presen Zubillaga militante feminista hil da 72 urte zituela, Iruñean. 1970eko hamarkadan hasi zen militantzian, LKI Liga Komunista Iraultzailean. Iruñeko Udal Ikastolako irakaslea ere izan zen, eta Zabaldi elkartasun etxeko eta Emakume Internazionalistetako sortzaileetako bat ere bai. 78ko Sanferminak plataformako bultzatzaileetako bat izan zen. Azken urteotan, gainera, memoria historikoa berreskuratzeko hainbat ekitalditan parte hartu izan du. Horri lotuta, bere azkeneko aldarrietako bat izan zen Martin Villa prozesatzeko eskaria, Zubillagarentzat Espainiako trantsizioa ez zelako eredugarria izan: «Prozesamenduak indartuko luke diktaduraren itxiera faltsua eta trantsizioa zalantzan jartzea, gutxienez testu liburuetan utzi nahi duten bezala». Iruñeko mugimendu feministan ere ezaguna zen Zubillaga, egitura sozial guztia jartzen zuelako auzitan. Haren iritziz, sistema osatzen duen patriarkatua zalantzan jartzeaz gain, kapitalismoa eta politika arrazistak ere auzitan jarri behar dira: «Feminismoa ez doa gizonen aurka; kontua ez da haiek beren rola txikitzea, emakumeak zapaltzeari uztea baizik».
2023-9-15
https://www.berria.eus/albisteak/232770/martxan-da-primeran-plataforma.htm
Bizigiro
Martxan da Primeran plataforma
Zerbitzua 'www.primeran.eus' webgunean, telebista konektatuetan eta gailu eramangarrien aplikazioan erabili ahal da. Doakoa da, baina erregistratu egin behar da.
Martxan da Primeran plataforma. Zerbitzua 'www.primeran.eus' webgunean, telebista konektatuetan eta gailu eramangarrien aplikazioan erabili ahal da. Doakoa da, baina erregistratu egin behar da.
Euskal edukiak denentzat eskuragarri jarriko dituen plataforma digital berria. Hala definitu du EITBk Primeran plataforma. Azkeneko bi urteetan horretan aritu dira lanean, eta martxan dago plataforma. «Euskara eta euskal edukiak zabaltzeko filosofiarekin jaio da, mundura zabalik dagoen euskal leiho berria izateko», azaldu du EITBk. www.primeran.eus webgunean erabili ahal da, eta plataformaren aplikazioa deskargatu daiteke telebista konektatu gehienetan eta telefonoetan —Google Play eta iOS gailuetako dendetan deskarga daiteke, doan—. Hain zuzen ere, doakoa da Primeran plataforma. Edukiak ikusteko, dena den, erregistratu beharra dago. Plataformaren katalogoan 3.000 atal edo film baino gehiago daude ikusgai. Horietako gehienak euskaraz ikus daitezke, euskarazko audioarekin edo euskarazko azpidatziekin. Unai Iparragirre ETBko zuzendariak ekainean BERRIAri azaldu zionez, edukiaren %99 egongo da euskaraz ikusgai. Plataforma mundu osoan erabil daiteke. Hau da, munduko herrialde guztietako euskaldunek ikusi ahalko dituzte bertako edukiak. Besteak beste, Euskal Herriko filmak, nazioarteko telesailak, askotariko dokumentalak, sukaldaritzarekin lotutako lanak, musika eta haurrentzako edukiak eskainiko dituzte Primeran plataforman. Gainera, plataformarentzat propio sortutako eduki esklusiboak ere iritsiko dira datozen hilabeteetan. EITB hasi da Primeran plataformaren inguruko informazioa zabaltzen. Komunikazio kanpaina bat ere abiarazi dute, eta atzo globo bat jaurti zuten Gasteizko Plaza Berritik. Plataforma berriaren aurkezpen kanpaina lantzeko irudiak grabatuko ditu globo horrek, eta sinbolizatuko du Primeran plataformak euskarazko edukiak mundura zabalduko dituela. Primeran aurkezteko ekitaldi ofizial egingo dute, bestetik, hilaren 21ean, Donostian. Sustatzaileen xedea da Primeran ez izatea soilik EITBren plataforma, eta Euskal Herriko beste eragile batzuei zabalik egotea. Izan ere, Tokikom elkartearen hainbat edukirekin abiatuko du ibilbidea plataformak. Euskal eduki, kultura eta ekoizleei proiektua izan nahi du Primeran plataformak, eta datozen hilabeteetan musika, antzerki eta beste kultur adierazpenetako edukiak egongo dira katalogoan. Euskadiko Filmategia ere laguntzaileen artean egongo da. Era berean, Donostiako Zinemaldian azkeneko urteetan sarituak izan diren hainbat film jarriko dituzte plataforma digitalaren katalogoan. Viaplay Eskandinaviako plataformaren hainbat telesail eta film Primeran plataforman ere jarri dituzte; jatorrizko bertsioan ikus daitezke, euskarazko azpidatziekin. ‘Itxaso’ telesaila, 28an Primeran plataforman Euskal Herriko askotariko ekoizpenak ikusi ahalko dira. Horien artean, atzo bertan estreinatu zuten Porno belaunaldia dokumental saioa, euskaraz —ETB2k gaztelaniaz emango du, hilaren 18tik aurrera—. Bestalde, iaz ETBrentzat grabatutako Itxaso telesaila Primeran plataformak estreinatuko du hilaren 28an; lehen atalaren aurrestreinaldia Donostiako Zinemaldian egingo dute, 27an. Antonio Diaz Huerta da telesaileko zuzendaria, eta aktore protagonistak Jon Plazaola, Nerea Mazo, Itziar Atienza eta Jon Mendia dira. Jon Plazaola, Nerea Mazo eta Itziar Atienza Itxaso telesaileko aktoreak. /EITB Bestelako lan berriak ere iritsiko dira Primeran plataformara: Izaro: Limoiari eztia eta Iribar, atezaina dokumentalak, Ura Bere Bidean musika ikuskizuna eta beste hainbeste. Laster jarriko dituzte Baserritik basamortura dokumentala eta Vaya semanita: 20 urte lana ere. Primeran plataformako arduraduna Alex Gibelalde da —Google eta Twitter konpainietan egin du lan, besteak beste—. Duela hilabete batzuk iritsi da EITBra, plataformen arduradun gisa.
2023-9-15
https://www.berria.eus/albisteak/232771/greba-egin-dute-eitbko-irratietan.htm
Bizigiro
Greba egin dute EITBko irratietan
Saiorik ez zen izan atzo, eta soilik musika eta albistegiak eman zituzten —gutxieneko zerbitzuak—. 11:00etan, Eusko Legebiltzarraren atarian elkartu ziren langileak, politika orokorreko saioa egiten bitartean. ELAk ontzat jo du irratietako greba.
Greba egin dute EITBko irratietan. Saiorik ez zen izan atzo, eta soilik musika eta albistegiak eman zituzten —gutxieneko zerbitzuak—. 11:00etan, Eusko Legebiltzarraren atarian elkartu ziren langileak, politika orokorreko saioa egiten bitartean. ELAk ontzat jo du irratietako greba.
Greba eguna izan zuten atzo EITBko irratietan. Langile gehienen babesarekin, langile batzordeak hiru greba egunera deitu du, eta horietako lehena zen atzokoa. Beste bi greba egunak hilaren 26a eta urriaren 19a izango dira. Atzo, EITB taldearen irratietan musika eta albistegiak soilik entzun ziren; Eusko Legebiltzarrean politika orokorreko saioa egin zuten, eta programazio berezia zuten prest irratiek, baina bertan behera geratu ziren saio horiek. 11:00etan bilkura bat egin zuten parlamentuaren atarian. ELAk nabarmendu zuen Eusko Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuetara mugatu zela programazioa. «Garrantzitsua izan da Eusko Legebiltzarraren aurrean egindako kontzentrazioa». Hau gaineratu zuen sindikatuak: «Argi dago langileen ezinegona irrati publikoan egun dauden lan baldintzengatik, egiten diren lanak aintzat hartzen ez dituen hitzarmen batekin eta eguneroko egoeretan (bajak, oporrak eta baimenak) langilerik ez dagoela erakusten duten lan karga batzuekin». «Inposizioez nazkatuta gaudela jakinarazi nahi dugu, eta aldarrikatu nahi dugu negoziazio markoa errespetatzeko, eta gure lan baldintzak hobetzeko. Egiten dugun lana aitortzea ere nahiko genuke», adierazi zuen EITB Media Irratiko Zentro Arteko Batzordeak —ELA, LAB eta ESK sindikatuetako ordezkariak daude bertan— ohar batean. Hamahiru urte lan hitzarmena berritu gabe Bat baino gehiago dira langileen ezinegonaren arrazoiak, baina gailentzen direnetako bat da hamahiru urte daramatzatela lan hitzarmena berritu gabe. EITB Media Irratiko Lan Batzordeak, duela hiru hilabete, hautsitzat jo zituen hitzarmenaren gaineko negoziazioak. «Zuzendaritzak, aldebakarrez, bere plataformako puntuetako bat inposatu du, eta berdin izan dio erabaki horrekin lan poltsaren kontratazio baldintzak bertan behera utzi izana», diote langileen ordezkariek. Badira langileen artean kezka sortu duten beste erabaki batzuk; esate baterako, Radio Euskadiko Boulevard irratsaioa ETB2 katean hasi dira zuzenean ematen, 07:00etatik 09:00etara. «Hori egin ahal izateko, langileen irudi eskubideak aitortu gabe utzi dituzte», dio zentro arteko batzordeak. «Erabaki horren kontrako jarrera irmoa erakutsi dugu behin eta berriro, eta zuzendaritza jakinaren gainean zegoen lehendik ere». Adibidetzat jo dute Gaztea irratiko langileek, negoziaziorik ezean, uko egin ziotela irudi bidezko irratiaren proiektuari. Lan kargak eta beste Langileen ordezkariek EITBko zuzendaritzaren «inposaketa» adibide gehiago eman dituzte, eta lan arloko beste salaketa batzuk egin. «Azkeneko gertaerek urte askoko lana pikutara bidaltzen dute: hain zuzen, irrati publikoaren kalitatea bermatzeko langileek egindako lan nekaezina». Beste puntu hauek aipatu dituzte, egoeraren erakusgarri: «Kontuan izan behar da txanden aldaketa, zereginen areagotzea, baita lan kargari dagozkion erabakiak enpresaren beharren arabera moldatu direla ere». Salatu dutenez, enpresaren beharrak aintzat hartu dira, baina langileen egoera ez. «Negoziatu gabe egin dute hori guztia, eta langileek ordainetan ezer jaso gabe». Greba deialdiak egun esanguratsuetarako egin dituzte: gaur politika orokorrari buruzko eztabaida egingo da Eusko Legebiltzarrean; eta hilaren 26an, Alberto Nuñez Feijooren inbestiduraren gaineko eztabaida egingo dute Espainiako Kongresuan.
2023-9-14
https://www.berria.eus/albisteak/232772/espainiako-auzitegi-gorenak-berriz-baztertu-ditu-indultuen-kontrako-helegiteak.htm
Mundua
Espainiako Auzitegi Gorenak berriz baztertu ditu indultuen kontrako helegiteak
Kataluniako buruzagi independentisten amnistiari buruzko eztabaida bete-betean, epaileek argudiatu dute PPk, Ciudadanosek eta Voxek ez dutela indultuei errekurtsoa aurkezteko zilegitasunik. Cuixarten eta Sanchezen kasuak aztertu ditu.
Espainiako Auzitegi Gorenak berriz baztertu ditu indultuen kontrako helegiteak. Kataluniako buruzagi independentisten amnistiari buruzko eztabaida bete-betean, epaileek argudiatu dute PPk, Ciudadanosek eta Voxek ez dutela indultuei errekurtsoa aurkezteko zilegitasunik. Cuixarten eta Sanchezen kasuak aztertu ditu.
Urte eta erdian bigarrenez, Espainiako Auzitegi Gorenak baztertu egin ditu Kataluniako buruzagi independentisten indultuen aurka aurkezturiko helegiteak. Eta iazko urtarrileko argudio berbera erabili du horretarako: ez PP Alderdi Popularrak, ez Ciudadanosek, ez Voxek ez dutela erabaki horren kontra errekurtsorik aurkezteko zilegitasunik. Goreneko administrazioarekiko auzien auzitegiak eman du gaur deliberoaren berri. Kasu horretan, Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidente ohiaren (2015-2022) eta Jordi Sanchez ANC Kataluniako Biltzar Nagusiko presidente ohi (2015-2017) eta JxC Junts Per Catalunyaren idazkari nagusi izandakoaren (2020-2022) kasuak aztertu ditu, eta horretan ere argudio berbera erabili du; hau da, forma arrazoiengatik baztertu dituela. Auzitegiak 2022ko urtarrilean jada iritzia eman zuen, baina urte hartako maiatzean epaile aldaketa batzuk izan ziren, eta horrek berekin ekarri zuen Gorenean irizpide aldaketa bat izatea; eta, hortaz, indultuak berriz aztertu behar izatea —bost epailetik hiruk eman zuten horren aldeko botoa—. Cuixartenak eta Sanchezenak, ordea, ez dira kasu bakarrak, datozen asteetan gehiagoren inguruan iritzia eman beharko duelako. Edonola ere, gaurko erabakiaren ondorioz, iazko kasuan bezala, auzitegiak ez du aztertu indultuak egokiak izan ote ziren: hau da, PSOEk eta Unidas Podemosek osatu zuten koalizio gobernuak (2019-2023) legezko baldintzak bete ote zituen 2021eko ekainaren 22an bederatzi buruzagi independentista katalanei indultua ematea erabaki zutenean. Eta, hain justu, Gorenaren gaurko erabakia amnistiari buruzko eztabaida bete-betean dagoen honetan heldu da. Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidentea haren inbestidurarako babesak negoziatzen ari da, eta, ezustekorik ezean, ezinbestekoa izango du ERC Esquerra Republicana eta JxC alderdi independentisten aldeko botoa eskuratzea. Kataluniako bi indar horiek iragarri dute inbestidurarako ezinbesteko baldintza izango dela amnistia lege bat onartzea. Lau urteko zigorra Barne kontseilari ohiari Miquel Buch Kataluniako Barne kontseilari ohiari (2018-2020) lau urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri dio Bartzelonako Auzitegiak, Carles Puigdemont Kataluniako presidenteari bizkartzain bat jartzeagatik. Epaileen iritziz, Buchek modu irregularrean kontratatu zuen Puigdemontek erbestean izan duen bizkartzaina, plaza bereizi bat sortu zuelako betekin horrekin, diru publikoarekin ordaindu zedin. Prebarikazioa eta diru publikoaren erabilera bidegabea egotzi diote. Kartzela zigorraz gain, auzitegiak bederatzi hilabeteko inhabilitazioa ezarri dio Buchi kargu publikoetarako. Puigdemonten bizkartzain lanetan aritu den Mossos d'Esquadrako sarjentu Lluis Escola ere zigortu dute epaileek. Lau urteko espetxealdira kondenatu dute. Epaiketan egin dituen adierazpenetan, Buchek ukatu egin du Escola Puigdemonten bizkartzain izateko kontratatu zuenik. Haren esanetan, sarjentuaren ardura aholkulari lanetan aritzea zen. Azaldu duenez, kontratazio horrek ez zion Generalitateari gastu publiko gehigarririk eragin. Escolak ere ukatu egin du Puigdemonten bizkartzain izan denik, eta argudiatu du ezin izango lukeela lan hori bete, daukan ezgaitasunagatik. Ildo beretik, presidente ohiak esan du Escola ez zela inoiz bere segurtasunaz arduratu erbestean. Epaileek, ordea, ontzat jo dute Pedro Ariche fiskalaren ikuspuntua. Buchen kontrako zigorra ere iritsi da amnistia lege bat onartzeko aukera Espainiako eztabaida politikoaren erdigunean dagoenean.
2023-9-14
https://www.berria.eus/albisteak/232773/bahraingo-presoek-behin-behinean-gelditu-dute-gose-greba.htm
Mundua
Bahraingo presoek behin-behinean gelditu dute gose greba
Ekinaldian zortziehun lagun inguru ari ziren parte hartzen; batzuen osasun egoerek okerrera egin dutelako hartu dute erabakia. Baldintzak hobetzeko beste proposamen bat bidali du gobernuak.
Bahraingo presoek behin-behinean gelditu dute gose greba. Ekinaldian zortziehun lagun inguru ari ziren parte hartzen; batzuen osasun egoerek okerrera egin dutelako hartu dute erabakia. Baldintzak hobetzeko beste proposamen bat bidali du gobernuak.
Gose greba bat hasi zuten zortziehun presok baino gehiagok joan den abuztuaren 7an, Bahrain hego-ekialdeko Jau presondegian. Beren eskubideak eta espetxeko egoera hobetzea nahi dute, eta 2011. urtean herrialdeko agintarien politiken eta monarkiaren aurka altxatutako aktibistak dira pauso hori eman zutenak. Herrialde arabiar horren historiako gose grebarik jendetsuena bilakatu da, baina behin-behinean eten dute —hilaren 30era arte—, protestari batzuen osasun egoerak okerrera egin duelako. BIRD Bahraingo Eskubide eta Demokraziaren Institutuak atzo jakinarazi zuenez, 36 egun egin dituzte greban. Preso batzuk soilik ura edaten ari ziren, eta beste batzuek bitaminak hartzen dituzte edota zain bidezko seruma jasotzen dute aurrera jarraitzeko. Mediku laguntza jasotzeko aukera zuten protestariek, baina horri uko egin zioten. BIRDen arabera, hainbat preso, medikuen laguntza eskatu ondoren, bakartze modulura eraman zituzten; hain justu, bakardade hori saihesteko, espetxeratuek erabaki zuten mediku laguntzarik ez jasotzea. 2016. urtean inhabilitatutako oposizioko Al-Wefaq alderdiaren arabera, gose grebarekin hainbat hobekuntza lortu nahi dituzte presoek. Adibidez, 3. eraikinekoen kasuan, beren burua «preso politikotzat» daukatenen kasuan, maiztasunez bakartzen dituzte, eta hori amaitzea nahi dute; horrez gain, espetxeratuak soilik ordu bat ateratzen dira ziegetatik, eta denbora hori handitzeko eskatzen dute. Grebalarien beste eskaeretako bat da aukera izatea meskitan kongregazioan otoitz egitea; eta, bisiten kasuan, irekiak eta maizagoak nahi dituzte. Abuztu amaieran, giza eskubideen defentsan lan egiten duten eragileen eta Bahraingo Gobernuaren arteko negoziazioek abiapuntu bat izan zuten. Bilera horretan, presoen eskaerak hizpidera ekarri ziren, eta gobernuak hainbat eskaera onartu zituen; bisiten maiztasunak handiagotuko dituztela esan zuen, eta eguneroko ordu askeak gehiago izango direla. Horrez gain, bisiten zerrendak moldatzeko konpromisoa hartu zuen, eta telefono deien kostuak jaitsi. BIRDek esan zuen lehen onespen horiek «beranduegi» iritsi zirela, eta, azkenean, iragan abuztuaren 30ean, presoek uko egin zioten gobernuaren proposamen sortari. Gose greban jarraitzea erabaki zuten. Asteotan, ordea, egoera aldatu egin da. BIRDek jakinarazi duenez, presoetako batzuk Barne Ministerioko ordezkari batzuekin eta espetxeko zuzendaritzarekin bildu ziren, eta bilera horretan haien baldintzak bi astean hobetzeko konpromisoa helarazi zieten. Besteak beste, proposamenak zera jasotzen du: presoek «familiaren bisita berezi bat» jasotzea, ehun egunean behin; bakardade egoeran jarri dituzten presoak handik ateratzea; eta denbora gehiago pasatzea ziegatik kanpo. Horiei buruz ohartarazpena egin dute presoek: esperotako epean betetzen ez badira, berriz ekingo diote gose grebari. Amnistia helburu Protesta ugari eragin ditu gose grebak herrialde osoan. Abuztuaren 18an hasi ziren manifestaldiak Manaman. Presoen familiek eta Bahraingo giza eskubideen aldeko eragileen defentsan aritzen diren taldeek antolatutako protestaldiak izan ziren. Bertan, presoentzako amnistia eskatu zuten: «preso politikoen» askatasuna eta haien karguak atzean uztea aldarrikatu zuten familiek. Presoen familia batzuk ere elkartasuneko gose grebara batu ziren abuztuan. Zainab al-Kawhaja, Al-Kawhaja presoaren alaba, gose greba egiten hasi zen, bere aitari elkartasuna erakusteko. Al-Kawhaja alaba Bahraingo giza eskubideen aldeko defentsan ikur esanguratsua bilakatu da azken urteetan. X sare sozialean bere aitaren egoera argitaratzen du, baita bere gose grebaren eguneraketak ere. Haren esanetan, aitaren egoera «oso larria» da, eta mediku laguntza egokia jasotzeko beharra dauka. Eta negoziazioen beste aldean, pixkanaka jarrera malguagoa izaten ari den arren, gobernuak zera defendatu du gose greba egiten ari diren presoez: «Bahraingo Gobernuak presoekiko giza eskubideak errespetatu eta nazioarteko arau guztiak betetzera hitzematen da. Horrez gain, Bahraingo Gobernuak aldarrikatzen du ez dagoela preso politikorik gure herrialdeko kartzelatan».
2023-9-14
https://www.berria.eus/albisteak/232774/ollok-onartu-du-euskararen-arloak-oraindik-asko-falta-duela-nafarroan-normalizatzeko.htm
Gizartea
Ollok onartu du euskararen arloak «oraindik asko» falta duela Nafarroan «normalizatzeko»
«Eztabaida alderdikoitik urrundu» nahi du euskara Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak.
Ollok onartu du euskararen arloak «oraindik asko» falta duela Nafarroan «normalizatzeko». «Eztabaida alderdikoitik urrundu» nahi du euskara Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak.
Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollok bere sailaren lan ildoen berri eman du Nafarroako Parlamentuan, eta, euskarari dagokionez, gobernua osatzen duten alderdien arteko ezadostasun batzuk onartu ditu, baina «eztabaida alderdikoietik urrunduta» aurrerapausoak ematea espero du legegintzaldi honetan: «Baldintzak betetzen dira, bai foru mailan, bai estatu mailan, eta baita Europan ere, legealdi honi aukera gisa aurre egiteko». Europako Kontseiluko Adituen Batzordearen azken txostenak 2015etik Nafarroan izandako «hobekuntzak» adierazi ditu euskarari dagokionez, baina Ollok «argi» dauka gauza bat: «Oraindik asko dugu hobetzeko euskarari emandako tratamenduan, normalizaziora iritsi nahi badugu». Espainiako Estatuan eskuin muturrak hizkuntza gutxituen egoera «artifizialki polarizatu eta inboluzionatu» nahi duela gogoratu du Ollo lehendakariordeak, Balear Uharteak eta Valentzia aipatuta. «Testuinguru horretan, eztabaida eta erabilera alderdikoietatik ihes egiten duen akordio politiko baten alde egiten dut, zorroztasun teknikotik abiatuta eta prestigio handiko erakunde eta instituzioen laguntzarekin». Betiere xede batekin: «Euskararen balio soziala berreskuratzea eta hura ikastea, baita gizartean erabiltzeko aukerak berreskuratzen lagunduko diguten neurrietan aurrera egitea ere». Edonola ere, exekutiboa osatzen duten indar politikoak (PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa) ez dira ados jarri euskara sustatzeko abiaduran eta giltzarri diren arloetan, adibidez, zonifikazioan. Baina, hori onartzearekin batera, Ollok ukatu egin du egungo gobernu akordioa 2019koa baino apalagoa dela euskararen arloan. «Euskararen Plan Estrategikoak baliabide baliotsua izaten jarraitzen du, eta lanean jarraituko dugu, aurreko legegintzaldian adostutako planean aurrera egiteko» EH Bilduko parlamentari Eneka Maizek «kezkak» helarazi ditu Olloren sailak izango dituen «muga gaindiezinak» direla eta «benetan aurrera egiteko». Maizek salatu du gobernuak «liskarrarekin lotua» erreparatzen diola euskarari; alegia, haren ustez, zenbait taldek «euskara talkarekin lotu dute urte askoan», eta ikuspegi hori jasotzen ei du exekutiboak euskararen arloari erreparatzen dionean. «Nafarroan pluralak gara, eta eleaniztasunak, eta euskara baztertua dago». EH Bilduren arabera, hori da abiapuntua euskararen alorrean egin behar den lanketa egiteko. Horregatik, «politika ausartagoak» eskatu dizkio Ollori, eta galdetu dio ea zer egingo duen eremu mistoan sartu nahi duten zenbait udalerriren kasuan; esaterako, Mañerurekin. Memoria Memoriaren arloari dagokionez, Ollo kontseilariak esan du «1936an eta frankismo garaian gaur egun arte askatasunaren eta demokraziaren balioak defendatu zituzten pertsonen historia berreskuratzen» jarraituko duela Nafarroako Gobernuak. Ollo kezkaturik azaldu da «desberdina gorrotatzen duten diskurtsoekin». Horregatik, «irmoki» aldarrikatu du «guztiekiko errespetua, baita sentitzeko eta pentsatzeko moduak desberdinak direnean ere». Horrez gain, helarazi du hilobien mapak eguneratzen jarraituko duela exekutiboak, desobiratzeak eta identifikazioak egiten, 36ko gerran eta frankismoan hil zituzten desagertuak aurkitzeko. Frankismoaren ikurren zerrendatzeak ere aurrera egingo du, «ikur horiek desagerrarazteko Nafarroako gune publikotik». Era berean, San Cristobal gotorlekua memoriarako gune izateko ekinbideak aurrera egingo du, eta Espainiako Gobernuarekin bilera bat egingo du Nafarroak luze gabe, proiektu horri bultzada bat emateko. Biktimei buruz luze eta zabal aritu da Ollo: «Gure lanaren protagonistak izango dira aurrerantzean ere». Akordio politikoak jaso du ETAren biktimentzako «babesa eta elkartasuna» bermatzea, baina baita «beste talde terrorista batzuen» biktimentzako ere. Biktimen egungo arazoei erantzuteko, Terrorismoaren Biktimen Foru Legearen erreforma bati ekingo dio gobernuak, «ahalik eta kontsentsu handiena bilatuz». Era berean, funtzionarioen eta eskuin muturreko motibazio politikoaren ekintzen biktimak aitortzeko eta erreparazioa jasotzeko lanean aurrera egingo du exekutiboak, Ollo kontseilariak esan duenez. Hala, Aitortza eta Erreparazioaren Batzordea bultzatuko du gobernuak, eta «luze gabe» lehen aitortzak iritsiko direla iragarri du. Politika horiek guztiak Nafarroako 2021-2024ko Bizikidetzarako I. Plan Estrategikoaren garapenaren itxieran eta II. Planean landuko dira. «Plan hori ahalik eta adostasun eta parte hartzerik handienarekin egin beharko dugu», esan du kontseilariak. Horrez gain, Rozalejo izango da, azkenean, memoriaren eta bizikidetzaren arloko politika publikoen egoitza. «Apustu garrantzitsua da Memoriaren Institutuari eta Memoriaren eta Bizikidetzaren Zuzendaritza Nagusiari egoitza finko eta sinbolikoa ematea», esan du Ollok. 2025. urtearen hasieran prest egongo dela aurreikusi dute. Halaber, Memoriako kontseilariak azpimarratu du Erorien Monumentuaren etorkizunean «lanean» hasiko dela haren saila, Iruñeko Udalarekin lankidetzan.
2023-9-14
https://www.berria.eus/albisteak/232775/autogobernuaren-higadura-salatu-eta-itunei-bidea-irekitzeko-eskatu-du-urkulluk.htm
Politika
Autogobernuaren «higadura» salatu eta itunei bidea irekitzeko eskatu du Urkulluk
Lehendakariak euskararen aurkako ekinbide judizialak kritikatu ditu. Lehen arretako zita jasotzeko itxaronaldia 48 ordura mugatzea jarri du helburutzat.
Autogobernuaren «higadura» salatu eta itunei bidea irekitzeko eskatu du Urkulluk. Lehendakariak euskararen aurkako ekinbide judizialak kritikatu ditu. Lehen arretako zita jasotzeko itxaronaldia 48 ordura mugatzea jarri du helburutzat.
Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk Eusko Legebiltzarreko politika orokorreko eztaibaidan egindako hitzaldiaren oinarri nagusietako bat izan da autogobernuaren afera. Lehendakariak «balantze gazi gozoa» egin du azken urteetan egin diren urratsez, baina egindako transferentzia batzuez haratago, gazitik gehiago izan du bilakaerak, Urkulluk berak aitortutako arazoei erreparatuz gero: «Eskumenen higadura larri bat eman da». Lehendakariak euskararen aurkako ekinbide judizialak ere salatu ditu, eta helburutzat jarri Osakidetzako itxaron zerrendak murriztea. Kupoa berritzeko akordioa zein Araba, Bizkai eta Gipuzkoako espetxeen kudeaketa eta bizitzeko gutxieneko diru sarrera Eusko Jaurlaritzaren esku geratu izana nabarmendu du Urkulluk, baina, era berean, aitortu du azken hilabeteetan jada ez dela esperotako urratsik egin eskumenen transferentziari dagokionez. Izan ere, iazko irailetik ez da eskualdaketarik egin. Jaurlaritzak Madrili zenbait proposamen egin dizkion arren, urratsak motel doaz edo, zuzenean, ez dute Espainiako Gobernuaren erantzunik izan. «Laburbilduz, azken urte eta erdi honetan ez da bete Espainiako Gobernuak hitzartutako transferentzien egutegia», aitortu du Urkulluk. Egun, Jaurlaritzaren sei proposamen ditu Madrilek mahai gainean: itsas salbamendua, makinaria egiaztatzeko zentroa, zinematografia funtsa, meteorologia, itsasertzaren kudeaketa eta migrazioa. Eta datozenetan hilabeteetan beste lau ere iritsiko zaizkio, Urkulluren esanetan: Pasaiako portua, Fogasa, paradoreak eta osasun eraikinen titulartasuna. Hala, lehendakaria Espainiako gobernu berri bat iritsi zain dago, gaiari berriz heltzeko. Transferentzien erritmo falta ez da, baina, arazo bakarra. Lehendakariak salatu du eskumenen urraketak «joko arauak haustea» eragin duela. Zehatzago, hiru kexa plazaratu ditu: «estatuaren araugintza hegemonia» zabaltzea, Espainiako Konstituzio Auzitegiaren joera «gero eta murriztaileagoa» eta Jaurlaritzak Europako Batasunean rol handiago bat ez izatea. Azken horri dagokionez, Espainiako Gobernuari urratsak egiteko eskatu dio; hala nola, Atlantikoko makroeskualdea sustatu dezala Europar Kontseiluko presidentetza izan bitartean. Izan ere, Urkulluren iritziz, Atlantikoko eskualdeak «atzean geratzeko» arriskuan daude, Europako Batasuna ekialderantz eta Mediterraneorantz lerrokatzen ari delakoan. Urkulluk erreferentzia egin dio berak planteatutako «konbentzio konstituzionalari» ere, Espainiako estatuaren lurralde ereduan aldaketak egiteko unea delakoan, ikuspegi «baztertzaileak» atzean utzi eta «plurinazionalitatea» aitortuz: «Itunaren bidetik marko instituzionalaren funtzionamendua hobetzeko eta berritzeko gonbidapen bat da». Halere, ez du bertan jorratu beharrekoaren inguruko xehetasunik eman, «marko instituzionalaren funtzionamendua» berritzeko tresna izango litzatekeela esatetik haratago. Autogobernuaren gaineko hirugarren ardatza, berriz, estatus berriaren proiektua dela azaldu du. Halere, aditzera eman du ez dela legealdia amaitu aurretik jorratuko. Afera gobernu akordiotik kanpo utzi zuten EAJk eta PSE-EEk 2020an, eta lehendakariaren esanetan, hilabete hauek ere ez dira «une egokia» gaiaren inguruko akordioak egiteko. Euskara Lehendakariak adierazi du «arduraz eta kezkaz» bizi duela euskarak egun duen egoera, uste baitu arlo askotan «gutxietsia» dagoela, edo zuzenean baztertua. Izan ere, Urkulluk salatu du azken urteetan zenbait auzitegik «ekinbide tematsua» izan dutela euskarak administrazio publikoan izan beharreko lekua zalantzan jartzeko, «euskara gure bi hizkuntza ofizialetako bat dela ezertan kontuan hartu gabe». Hala, «garrantzi berezia» eman dio Europako Batasunean euskarak estatus ofizial bat izateko aukerari: «Uste dut erabaki horrek bermea eta babesa emango dizkigula euskal hiztun bezala dagozkigun hizkuntza eskubideetan, eta bultzada emango diola gure hizkuntzaren estatusari Espainiar estatuan». Haren hitzetan, datozen hamarkadetan norabidea finkatzeko unea da, eta Euskararen Sustapenerako Ekintza Planean egin du indar; adierazi du prest egongo dela legealdia amaitu aurretik. Legealdia amaitu baino lehen onartu nahi du Hezkuntza Legea ere. Osakidetza Urkulluk «autokritika» hiru elementutara mugatu du bere hitzaldian. Energia berriztagarrien kontsumoa oraindik kontsumo osoaren %20ra iristeko —%16,6 da egun— eta jaiotze tasa %10 igotzeko helburuak bete ez izana, eta Osakidetzaren kudeaketa; zehazki, itxaron zerrendei eta plantillari dagokionez. Hala, osasungintzak pisu handia hartu du legealdiaren azken txanparako asmoen artean. Osasun Publikoaren Legea, osasun mentalerako estrategia, Osakidetzako plantilla egonkortzea, inbertsio plan berri bat garatzea eta itxaron zerrendak murriztea. Guztiak ere legealdia amaitu bitarte bete beharrezko helburuak. Itxaron zerrenden kasuan, sei hilabeteko epean nahi du lehen arretako itxaronaldia 48 ordura murriztea eta kontsulten %70 aurrez aurre izatea —egun, %61 dira—. Etxebizitza eta zaintza Bestelako asmoen berri ere eman du. Etxebizitza arloan, besteak beste, 90 milioi euro bideratuko ditu Jaurlaritzak alokairu sozialeko programetara, eta beste hemeretzi milioi Gaztelagun programara; eta adierazi du etxebizitzarako eskubide subjektiboaren inguruko dekretu bat onartuko duela Gobernu Kontseiluak aurten. Zaintza alorrean, berriz, «itun sozial bat» bultzatu nahi du: «Eredu berria erakundeen, familien, hirugarren sektorearen eta enpresen arteko elkarlanaren emaitza izan behar da» Lehendakariak ertzainei ere bidali die mezua, Jaurlaritzaren eta sindikatu korporatiboen arteko talka presente izanik. Negoziazio mahaia «irekita» dagoela adierazi du, eta gogoratu Segurtasun Sailak 37 hobekuntza proposatu dizkiela: «Errealismoaren printzipiotik eta etorkizuneko politikak eta inbertsioak baldintzatu gabe, egoera desblokeatzea ahalbidetuko duen akordiorako gure benetako borondatea berresten dut».
2023-9-14
https://www.berria.eus/albisteak/232776/belodromoko-kontzertu-proiekzioa-egingo-du-aurten-ere-euskadiko-orkestrak-zinemaldian.htm
Kultura
Belodromoko kontzertu-proiekzioa egingo du aurten ere Euskadiko Orkestrak Zinemaldian
Sei filmen eszenak proiektatu ahala, horien soinu bandak zuzenean joko dituzte Euskadiko Orkestrak eta Oñatiko Ganbera Abesbatzak. Doan da saioa, baina gonbidapena aurrez eskuratu behar da
Belodromoko kontzertu-proiekzioa egingo du aurten ere Euskadiko Orkestrak Zinemaldian. Sei filmen eszenak proiektatu ahala, horien soinu bandak zuzenean joko dituzte Euskadiko Orkestrak eta Oñatiko Ganbera Abesbatzak. Doan da saioa, baina gonbidapena aurrez eskuratu behar da
Donostiako Zinemaldian jada klasiko bilakatu den saioetako bat egingo dute aurten ere: Belodromoan egin ohi den kontzertu-proiekzioa. Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak nabarmendu du ikus-entzuleen saiorik kutunenetako bat izaten dela: «Egunotan askok galdetu didate noiz izango den kontzertua eta noiz egongo diren eskuragarri sarrerak». Bada, ohi bezala, jaialdiaren lehen larunbatean, hilak 23, 12:00etan hasiko da Belodromoan sei soinu bandaren emanaldi sinfonikoa eta film horien eszenen muntaketa uztartuko dituen ikuskizuna. Saioa ordu eta laurdenekoa izango da, eta sarrera doakoa, baina gonbidapena aurrez eskuratu beharra dago. Hain zuzen, irailaren 16tik 22ra bitarte egongo da horretarako aukera. Zinemaldiak, Euskadiko Orkestrak eta SGAE fundazioak elkarrekin antolatu dute emanaldia, eta, urtero bezala, aurten ere orkestrak interpretatuko ditu pieza aukeratu batzuk, Juan Jose Oconen zuzendaritzapean eta Oñatiko Ganbera Abesbatzarekin batera. Zehaztu dute, gainera, proiektatu eta interpretatuko dituzten filmen zerrenda: Jota Linaresen Las niñas de cristal, Rodrigo Cortesen Love gets a room, Alberto Rodriguezen Modelo 77, Paul Urkijoren Irati, Lara Izagirreren Nora eta Juan Jesus Garcia Galocharen Momiak. Honakoak dira, hurrenez hurren, film horien soinu banden konpositoreak: Ivan Palomares; Victor Reyes; Julio de La Rosa; Maite Arroitajauregi eta Arantzazu Calleja; Paula Olaz; eta Fernando Velazquez. Ocon: «Gurekin izango dira konpositore horiek belodromoan, eta amaieran, ikusleak agurtzera aterako dira». Ilusioz mintzo da Euskadiko Orkestrako zuzendari nagusi Oriol Roch kontzertuaz: «Kontzertu hau definitzeko garaian, irudi metaforiko batzuk datozkit gogora. Gogoan dut kontzertu honen hastapena; alegia, haur jaioberri bat zeneko garaia. Jose Luis Rebordinosi eta Zinemaldiari esker hazi da haur jaioberri hori, egun zita ezinbesteko bihurtzeraino». Orkestrako zuzendariaren hitzetan, «taldearen DNAren parte dira» musika eta zinema, hainbat pelikularen soinu bandak grabatu baititu taldeak. Oconek azaldu du, baina, ez dela erronka erraza musikarien, kantarien eta proiekzioen arteko zuzeneko sinkronizazioa lortzea, eta, hain zuzen, horretan ari direla lanean saioaren aurreko egunetan. «Orkestrak normalean egin ohi dituen emanaldiez bestelakoa da hau, eta ilusioz daude musikariak». Morgancrearen muntaketa Aurreko urteetan bezala, musika filmetako eszena muntaketa baten proiekzioarekin uztartuko da. Morgancrea etxeak ondu du aurtengoa ere, eta 400 metro koadroko pantailan ikusi ahal izango da. Gonbidapenak bi gunetan eskuratu ahal izango dira: Donostiako Zinemaldiaren Kursaaleko informazio puntuan eta Donostiako Turismo bulegoan. Gonbidapenak jasotzerik izan ezean, Belodromoan bertan ere egongo da modua azken sarrerak eskuratzeko, kontzertuaren egunean bertan; goizeko hamarretan irekiko dituzte leihatilak.
2023-9-14
https://www.berria.eus/albisteak/232777/antzinako-irulegiren-laquoirudi-izoztu-zabalago-batraquo-erdietsi-du-aranzadiren-azken-indusketa-kanpainak.htm
Kultura
Antzinako Irulegiren «irudi izoztu zabalago bat» erdietsi du Aranzadiren azken indusketa kanpainak
Eskailera batzuk aurkitu dituzte aurten induskatutako etxebizitza batean; orain arte, inoiz ez da halakorik atzeman Mendebaldeko Pirinioetako Burdin Aroko herrixka batean. Topatu dituzten piezetako batzuek adierazten dute ordurako inportatzen zituztela elikagai batzuk.
Antzinako Irulegiren «irudi izoztu zabalago bat» erdietsi du Aranzadiren azken indusketa kanpainak. Eskailera batzuk aurkitu dituzte aurten induskatutako etxebizitza batean; orain arte, inoiz ez da halakorik atzeman Mendebaldeko Pirinioetako Burdin Aroko herrixka batean. Topatu dituzten piezetako batzuek adierazten dute ordurako inportatzen zituztela elikagai batzuk.
Bukatu da Irulegiko aztarnategian (Nafarroa) inoiz egin den indusketa kanpainarik luzeena. Aranzadi zientzia elkarteko arkeologo talde bat eta ehun bat boluntario joan den ekainaren 19az geroztik aritu dira zona horretan indusketa lanak egiten, grinez. Hau zuten aurtengo helburu nagusia: bertan zen Burdin Aroko herrixkaren hirigintza hobeki ezagutzea. Hain zuzen ere, erdietsi dute asmoa, hari loturiko hainbat aurkikuntza egin baitituzte hiru hilabeteotan. Besteak beste, induskatu gabea zen ehun metro karratuko zona batean aritu dira, eta ondorioztatu dute orain arte aztertutako herrixkaren parte osoari egin zitzaiola eraso Sertorioren gerran, K. a. I. mendean. Herrixka ardazten duen kale nagusiaren ekialdeko eremuari erreparatu diote aurten bereziki. Azken kanpaina hasi arte, kale horren bestaldeko bi etxebizitza eta karrika bat ziren induskatuta. Orain, ikusita ekialdeko zona ere K. a. I. mendean abandonatu zela, are eta zabalagoa da antzinako Irulegiren «irudi izoztua», aztarnategiko zuzendari Mattin Aiestaran historialariak nabarmendu duenez. Halaber, azken indusketa lanei esker, guztiz bistaratu dute hirugarren etxebizitza bat, eta, arkeologoek azaldu dutenez, hainbat ezaugarri berezi dituzte horretan. Batetik, agerian gelditu da etxea bi alditan eraiki zela: oinplano laukizuzen eta estu bat zuen lehenbizi, eta, gero, mendebalderantz zabaldu zuten, haren tamaina kasik bikoizteraino –70 metro karratuko azalera hartzen du–. Hain zuzen ere, bigarren eraikuntza fase horretakoa da Aranzadik nabarmendu duen ezaugarrietako bat: eraikinak harrizko eskailera bat du, zazpi mailakoa, etxearen sarrera eta kale nagusia lotzeko balio zutenak. Aurkikuntza horren inportantzia azpimarratu du Aiestaranek: «Mendebaldeko Pirinioetako Burdin Aroko herrixketan oso-oso-oso ezohikoa da hori izatea; orain arte topatutako bakarrak dira». Inportazioak, kanpo harremanen seinale Bi mila piezatik gora aurkitu dituzte aurtengo indusketa kanpainan: zeramika zatiak, animalia hezurrak, etxeko tresnak... Aurreko kanpainetan ere halako ugari topatu izan dituzte, baina bada soilik oraingoan nabarmendu diren zenbait elementu eta ondorio. Batetik, induskatu berri duten etxebizitza horretan beste errotarri bat atzeman dute, eta, beraz, ohartu dira herrixkako etxe guztiek zutela tresna hori. «Dirudienez, etxebizitza bakoitzak bere irina ekoizten zuen, aparte. Hau da, ez zegoen horretarako eraikin komunik. Hori horrela, badirudi etxe bakoitzak, familia bakoitzak, pisu ekonomiko handia zuela». Halaber, sukaldaritzarekin loturiko zeramika eta askotariko edukiontzi asko topatu dituzte aurten, eta bitxikeria batzuk aurkitu dituzte horien artean: inportaturiko anforak. Aiestaranen esanetan, elikagaiak ekartzeko erabiltzen zituzten: olioa Adriatikotik, eta ardoa Italiatik. Gainera, beste datu bat ere erantsi du: «Ardoa, adibidez, erromatarren gisara kontsumitzen dute, ontzi erromatarren gisako batzuetan». Historialariaren iritziz, hilabeteotako lanek asko lagundu dute erromanizazio prozesua nola gertatu zen jakiten. «Ikusten dugu hemengoek bertako kulturak mantentzen dituzten arren, iristen hasi zaizkiela Erromatar Inperioko zenbait elementu. Pixkanaka-pixkanaka, osoago ikusten ari gara erromanizazioaren puzzlea, falta genuen pieza hau aurkituta. Gainera, pieza honi esker konturatzen ari gara erromanizazio prozesua ez zela bat-batekoa izan, baizik eta oso gauza konplexua, eta ikusi dugu baskoi hauek jada K. a. 70eko hamarkadan erromatarrekin kontaktu dezentea zutela, nahiz eta beren berezitasunei eutsi». Eskuak ekarritako ikusmina Irulegiko Eskuak Euskal Herrian zein atzerrian piztu duen ikusmina zalantzan jarri ezinezkoa da aurkikuntza jakinarazi zenez geroztik. Gainera, azken hiru hilabeteotan are eta nabarmenagoa izan da interesa. Aranzadik jakinarazi duenez, ekain erdialdetik aitzina 2.000 lagunetik gora izan dira aztarnategian, zientzia elkarteak antolaturiko bisita gidatuetan. Hurrengo indusketa kanpaina noiz hasiko den jakinarazi ez badute ere, espero da datorren urteko udaren hasieran ekitea berriz lanei. Edonola ere, datak data, gauza bat argi da: oraindik ere, asko dago egiteko. Gogotsu aitortu du hori Aiestaranek, eta ilusioz azaldu du litekeena dela beste aurkikuntza mordoa egiten ahalko dela Irulegiko aztarnategian. Miaketa geofisiko ugari egin da inguruan, eta azterketa horiek ondorioztatu dute hamalau bat hektareako eremuan izan daitezkeela eraikinak. «Hasi baizik ez gara egin».
2023-9-14
https://www.berria.eus/albisteak/232778/adostasun-zabalaren-mugak.htm
Politika
Adostasun zabalaren mugak
Adostasun zabalaren mugak.
Autogobernua, euskara eta Europa. Astelehenean hiru zutabe horiek iragarri zituen datozen urteetarako lan egitasmoen ortzi mugan Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Eta gaur ez da ezustekorik izan horietan, urte politikoa hasteko Urkulluk egin duen politika orokorrari buruzko eztabaidan. Berrikuntzarik izan bada, Osakidetzarako iragarpena izan da. 1.200 milioi euro agindu ditu, eta sei hilabetean itxaron zerrendak jaisteko konpromisoa. Azken hauteskundeetako emaitzak kontuan izanda, premiazkoa du arlo horretan neurri eraginkorren bat hartzea legealdia amaitzerako, datozen bozei begira asko baitu jokoan. Ez da ahaztekoa M-28ko eta U-23ko emaitzek Sabin Etxean utzi duten aho zapore gazia, eta EH Bildun utzi duten gozoa. Hilabete gutxi dituzte jeltzaleek ezer iraultzeko. Autogobernu gehiagorako eskaerak ez du kale egiten Urkulluren urteko egitasmoen zerrendan. Hainbat formula erabili izan ditu. 2013an, lehendakari izendatua izan osteko lehen hitzaldian, esan zuen erabakitzeko eskubidearen aldekoa zela «alderdi jeltzaleko kide gisa», baina lehendakari gisa «aniztasunean oinarritutako akordioa» bultzatzea zegokiola. Estatus politiko berri baterako hitzarmena lortzeko lantaldea eratu zen legebiltzarrean, eta egin zuen bide bat. Printzipioen eta oinarrien akordio batean geratu zen, gaur arte. Gaur egin dio aipamena hari, berriz ere aktibatzeari, Gernikako Estatutua garatzeko eskaerarekin batera. Politika orokorreko eztabaidan gogoratu du Espainiako Estatuan irekita dagoen lurralde auziaren gainean egin berri duen proposamena. Abuzturen 31n El País egunkarian erabaki zuen argitaratzea bere azken proposamena. Lurralde auzia bideratzeko, Espainiako Konstituzioaren berrinterpretazio bat sustatuko duen «konbentzio konstituzionala» eratzea proposatu zuen artikulu hartan, eta berretsi egin du hori gaur legebiltzarrean. Baina, ikasturteko egitasmoen aurkezpenetan azken hamar urteetan egin ez bezala, aurten euskararen egoerari buruzko kezka plazaratu du. Euskararen Sustapenerako Ekintza Plan berria garatzen ari direla esan du. Legealdia amaitu aurretik onartu nahi dute hizkuntza politikak hartu behar duen norabidea zehazten duen dokumentua. «Malgutasunez jokatuz, baina helburuak argi edukita. Eta ahalik eta atxikimendu eta adostasun mailarik altuenarekin». Ez da kasualitatea euskara ardatz nagusien artean jarri izana. Hainbat aldagai egon litezke horretarako, baina batez ere bik inguratu dute Urkullu horra. Batetik, azken hilabetetako oldarraldi judizialek haserrea eragin dute euskal gizartean eta gizarteak erantzun egin du, azkar eta irmo. Azken epaia, uztailaren 6koa. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ezeztatu egin zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Udal Legeak udalei euskara hutsean jarduteko ematen zien modua. Azken eraso hark EAJko eta EH Bilduko hautetsi nagusien agerraldi bateratua ekarri zuen Bilbon, EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean. Eta Kontseiluak azaroaren 4rako deitutako manifestazioak euskararen auzia agendan mantentzea eragin du. Bestetik, Espainiako Gorteetarako hauteskundeen ostean, PSOEk babesak behar ditu. JxCk eta ERCk eskatu dute hizkuntza gutxituak Kongresuan erabili ahal izatea eta Europako Parlamentuan ofizialak izatea. Zurian beltz agertzea exijitu dute, gainera, eta, horregatik, datorren asteartetik aurrera euskaraz egin ahal izango da Kongresuan, eta datorren asteartean ere euskarari hizkuntza ofizial izaera onartuko al dioten bozkatuko dute Europako Kontseiluan. EAJ eta EH Bildu atzetik joan dira horiek babestera. Hizkuntza politikan plan bat baino neurri ausartagoak eta eraginkorragoak beharko ditu Urkulluk, onbidean jarriko bada euskararen normalizazioa. Iñigo Urrutia legelariak azaldu zuen BERRIAn nondik egin litekeen bide hori. Biak daude Urkulluren eta haren alderdiaren esku, besteak beste. Batetik, euskaldunentzat bermeak emango dituen lege bat eratzea proposatu zuen Eusko Legebiltzarrean, bistakoa baita orain artekoak itokinak dituela; eta, bestetik, Espainiako Gobernuaren aldetik eskumen horietan eskurik ez hartzeko konpromisoa lotzea. Madrilen, Pedro Sanchezen inbestidurarako negoziazioak irekita daude. EAJk jar dezake hori ere mahai gainean negoziazioetan. Aurten argitaratu dira euskararen ezagutzari eta erabilerari buruzko inkesta soziolinguistikoak, baina beste ertz batzuetatik begiratzeko paradigma berri bat ireki du Iñaki Iurrebaso soziologoaren tesiak. «Kaleko erabilera %12aren inguruan dago; gaitasunari erreparatuta, euskaraz errazago egiten duten hiztunak %7-8 dira; euskara nagusi den inguruneetan bizi diren hiztunak, %4. Horiek ikusita, horri nola deituko diogu? Minorizazio gorria berez Jon Sarasuari hartu nion: berak erabiltzen du», laburbildu zuen Iurrebasok Arantxa Iraolak udan egindako elkarrizketan, BERRIAn. Argazkia kezkagarria da, eta, horren jakitun, aktibatu egin dira zenbait eragile: euskaltzale independentisten topaketak daude urrian Tolosan, eta Kontseiluarena azaroan. Hezkuntza Legea ere aipatu du Urkulluk, eta «aukera historikotzat» jo. Ikusteko dago euskararen auzian zein jarrera hartzen duten lege honetan, alderdi sozialistaren itzalpean eta «aniztasunaren izenean» beste hainbat gaitan atzera egiten duen moduan. Euskara ikas eta irakats-hizkuntza izango duen eredu orokor inklusiboa; euskal kultura ardatz izango duen euskal curriculuma, eta hezkuntza ez-arautua ere osorik euskaraz izatea. Bata bestea gabe ezin dira ulertu, euskalgintzako eragileek hainbatetan aldarrikatu dutenez. Oinarriak ezarrita daude, eta legeak ikas eta irakats-eredua ondo zehaztea funtsezkoa izan liteke datozen belaunaldiengan eragiteko eta haien hizkuntza joerak gidatzeko. Bestelako gai batzuk ere izan ditu hizpide. Luze gabeko helburuen artean, adierazi du «zaintzarako itun sozial» bat sustatzen ari direla, aintzat hartuz sektore feminizatua dela gehienbat, eta lan baldintzak hobetu egin behar direla. Azaroaren 30erako greba orokorrera deitu du Euskal Herriko Mugimendu Feministak, zaintza sistema publiko komunitario bat aldarrikatzeko. Gai batzuk ez dira berez agendan sartzen.
2023-9-14
https://www.berria.eus/albisteak/232779/migratzaileek-euskara-gertuko-izateak-eragina-du-hizkuntzarekiko-duten-jarreran.htm
Gizartea
Migratzaileek euskara «gertuko» izateak eragina du hizkuntzarekiko duten jarreran
Gaiari buruzko ikerketa baten lehen datuak aurkeztu ditu gaur goizean Begirune fundazioak EHUren Udako Ikastaroen barruan egindako saio batean
Migratzaileek euskara «gertuko» izateak eragina du hizkuntzarekiko duten jarreran. Gaiari buruzko ikerketa baten lehen datuak aurkeztu ditu gaur goizean Begirune fundazioak EHUren Udako Ikastaroen barruan egindako saio batean
1.006 andre eta gizon migratzaileri euskararen inguruan galdera egin die Begirune fundazioak. Ezagutza. Erabilera. Jarrera. Hiru aldagaiak aztertu dituzte. Adierazi dute oraindik xehe-xehe aztertzeko daudela datu guztiak, eta jasotako aldagaien artean egin daitezkeen alderaketa guztiak ere egiteko daudela, baina lehen aurrerapen bat egin dute. EHUren Udako Ikastaroen barruan egindako saio batean egin dute aurkezpena. Jose Antonio Oleaga eta Mario Hortal ikertzaileek aurkeztu dituzte datuak. Eta hainbat ondorio ere plazaratu dituzte. Nabarmenenetarikoa, hauxe: migratzaileek euskara «gertuko» sentitzea aldagai garrantzitsua da gero hizkuntzaren aldeko jarrera izateko. 21 herrialdetatik heldutako gizon eta emakumeei egin diete galdera. Datuek erakusten duten ezagutza maila apala da. Inkestan parte hartu zutenen %46,7k esan dute ez dakitela batere euskararik; %37k zerbait dakitela. Euskara ondo dakitenak «talde txiki bat dira». Ikertzaileek zehaztu dute, hain gutxi izanda, errazagoa dela haien «soslaiari» erreparatzea. Oro har, unibertsitate ikasketak dituzte, 18-29 urte artean, egoera ekonomiko onean bizi dira, eta paperekin-eta lotutako arazorik ez dute. Soslai horretan agertzen diren antzeko ezaugarriak agertu zaizkie beste hainbat aldagairi erreparatzeko orduan ere. Erabilerara begira, %35ek onartu dute ez dutela inoiz euskara erabiltzen. %25ek ia inoiz ere ez. Inguruan euskararik entzuten duten galdetuta, migratzaileek ikusten duten errealitatea, oro har, erdalduna da: %65ek inoiz ez dutela entzuten esan dute; %15ek noizean behin bakarrik. Eta migratzaileek, batez beste, beren eguneroko martxan %3k bakarrik erabiltzen dute euskara gertukoekin. Guraso direnei, galdetu diete seme-alaben euskara ezagutzari buruz. %35k esan dute beren seme-alabek ez dakitela edo deus gutxi dakitela; %40k, berriz, adierazi dute etxeko gazteek euskara maila altua dutela. Hor berriz ere, aldagai ekonomikoa eta ikasketena agertu dira; euskara dakitenen guraso gehienek, oro har, unibertsitate ikasketak dituzte, maila ekonomiko ona. 5.000-20.000 biztanle artean dituzten herrietan bizi direnen artean, halaber, errazagoa da seme-alabek euskara jakitea udalerri handiagoetan bizi direnek baino. Seme-alabei dagokionez, inkestan parte hartu duten gurasoen %11,6k esan dute laguntza ematen dietela beren seme-alabei euskara ikasteko prozesuan. Gainerakoek, ez. Berriz ere, haurrei laguntzeko gaitasuna duten horien artean agertzen dira unibertsitate ikasketak eta maila ekonomiko ona duten migratzaileak. Euskara ere jakin behar dute, noski, laguntza eman ahal izateko. Hortik ondorioa: «Seme-alabei, ahal dutenek, laguntza ematen diete». Jarrera: alde, baina ez oso bero Jose Antonio Oleagak esaldi batean laburtu du zein jarrera duten migratzaileek, oro har, euskararen inguruan: «Aldeko jarrera epela da». Hainbat esaldi proposatu dituzte, horien inguruan alde edo kontra dauden adierazteko esan diete ikerketan parte hartu dutenei, eta horrela neurtu dituzte jarrerak. «Eta jende gehiena erdian dago», zehaztu du ikertzaileak. Hain justu ere, erantzunetan ez da ikusten, oro har, «polarizazio» handirik. Hemen ere jendearen ezaugarri eta bizi baldintzek eragina dute. Jarrera hobea da herri txikietan bizi direnen artean, eta eragina dute, berriro ere, euskararen ezagutzak, ikasketa mailak eta egoera ekonomikoak. Jatorriak ere bai zenbaitetan, Hego Ameriketatik eta Magrebeko herrialdetatik etorritako migratzaileen artean, adibidez, oro har, jarrera onak ikusi dituzte; Txinatik eta Errumaniatik etorritakoen artean, uzkurragoak. Oraindik asko dago aztertzeko, ordea, datu horien atzean zer dagoen jakiteko. Euskara eta immigrazioa. Ikerketa baten harira... izena du ikerketa plazaratzeko antolatu duten ikastaroak, eta ondoren hainbat aditu solastatu dira gaiaren inguruan. Xabier Aierdik zuzendu du ikastaroa; migratzaileen errealitatera begira euskararen auziari begiratzea «erronka» garrantzitsua dela gogoratu du eta, zentzu horretan, atzerritik heltzen diren gizon eta emakumeei zuzenduriko «harrera sistema» indartzeko bideak pentsatu behar direla.
2023-9-14
https://www.berria.eus/albisteak/232780/vulcanizados-zuloagaren-lan-erregulazioa-indargabetu-du-epaileak.htm
Ekonomia
Vulcanizados Zuloagaren lan erregulazioa indargabetu du epaileak
Enpresak apirilean hasitako aldi baterako lan erregulazioa legez kanpokoa dela ebatzi du, eta langileek kalte ordaina jasoko dute.
Vulcanizados Zuloagaren lan erregulazioa indargabetu du epaileak. Enpresak apirilean hasitako aldi baterako lan erregulazioa legez kanpokoa dela ebatzi du, eta langileek kalte ordaina jasoko dute.
Bilboko lan arloko epaitegiko 5. salak Vulcanizados Zuloaga (VZ) enpresa zigortu du aurtengo apirilean indarrean jarritako aldi baterako lan erregulazioarengatik. ELA sindikatuak jakinarazi duenez, epaileak erregulazioa indargabetu du, eta, ondorioz, egoitza Zaratamon (Bizkaia) duen enpresak behin-behinean etendako lan kontratu guztiak aktibatu beharko ditu. Halaber, langileei tarte horretan jaso gabeko soldatak ordaindu beharko dizkie. Ebazpena harago doa, erregulazioa bidegabea dela ebazteaz gain, enpresak askatasun sindikala eta greba eskubideak urratu dituela uste baitu epaileak. Horrenbestez, enpresak 25.000 euro ordaindu beharko dizkio ELA sindikatuari «kalte moralarengatik». Epaileak uste du neurriak lotura zuzena duela langileek greba bertan behera uzteko sinatu zuten kontratuarekin. Baina zer greba? Iragan martxoan bukatu zena. VZko langileek 615 eguneko greba egin zuten lan baldintza kaskarrak salatzeko. Espainiako Industria Kimikako lan hitzarmena aplikatzen zien enpresak, eta, hura hobetzeko negoziazioek fruiturik eman ez zutenez, greba hasi zuten 2020. urtean. Lanuzteak bertan behera uzteko akordioaren muina enpresa mailako hitzarmen berri bat izan zen, eta hura sinatu eta gutxira egin zuen aldi baterako erregulazioa enpresak. Besteak beste, horregatik iritzi dio epaileak harreman zuzena dagoela bi gertakarien artean. Grebak iraun zuen bitartean, antzeko hainbat ebazpen egon ziren enpresaren aurka.
2023-9-15
https://www.berria.eus/albisteak/232781/lur-planetaren-beste-muga-bat-gainditu-dela-iragarri-dute-ur-gezarena.htm
Mundua
Lur planetaren beste muga bat gainditu dela iragarri dute: ur gezarena
Zientzialariek egindako neurketen arabera, Lur planetaren bederatzi mugetatik sei gainditu ditu jadanik gizakien jarduerak.
Lur planetaren beste muga bat gainditu dela iragarri dute: ur gezarena. Zientzialariek egindako neurketen arabera, Lur planetaren bederatzi mugetatik sei gainditu ditu jadanik gizakien jarduerak.
Gizakiaren jardueraren ondorioz, jadanik Lur planetaren bederatzi mugetatik sei gainditu direla iragarri du nazioarteko zientzialari talde batek, Science Advances agerkarian gaur argitaratu duen ikerketa batean. Hain zuzen ere, ur gezaren muga da orain gainditutzat jo dutena. Iaz ur berdearen muga ere gainditutzat jo zuten ikertzaileek. Itsasoen azidifikazioaren muga ere zeharkatzeko zorian dagoela ere iragarri dute oraingo neurketa honetan. Zientzialariek aurrez gainditutzat zeuzkaten Lurraren mugak beste hauek dira: biosferaren osotasuna, klima aldaketa, kutsadura kimiko berriak, lurzoruen erabileraren aldaketa, fosforoaren eta nitrogenoaren zikloak... Zientzialarien iritziz, itsasoen azidifikazioaz gain, muga ziurren barruan daude oraingoz atmosferako aerosolen pilaketa eta ozono estratosferikoaren pobretzea. Johan Rockstrom buru zuen zientzialari talde batek definitu zituen planetaren mugak, 2009an. Azken finean, neurri sorta bat zerrendatu zuten, Lurreko sistemaren oreka bermatuko lukeena gizakiek modu seguruan bizitzen eta aurrera egiten jarrai dezaten. Haien arabera, horiek urratu edo gehiegi erabiliz gero, ezingo litzateke ziurtatu bizitzak orain arte ezagutu den bezala aurrera egitea.
2023-9-14
https://www.berria.eus/albisteak/232782/hondarribiko-alkateak-tentsioa-sustatu-izana-leporatu-dio-alarde-baztertzaileko-konpainia-bati.htm
Gizartea
Hondarribiko alkateak «tentsioa sustatu» izana leporatu dio alarde baztertzaileko konpainia bati
Hondarribiko banderaren erreplika batekin desfilatu zuen alarde baztertzaileak aurreko ostiralean, eta Enparanek eskatu du «oinarrizko bizikidetzaren printzipioak» errespetatzeko.
Hondarribiko alkateak «tentsioa sustatu» izana leporatu dio alarde baztertzaileko konpainia bati. Hondarribiko banderaren erreplika batekin desfilatu zuen alarde baztertzaileak aurreko ostiralean, eta Enparanek eskatu du «oinarrizko bizikidetzaren printzipioak» errespetatzeko.
Aurreko ostiralean Alarde Eguna izan zen Hondarribian (Gipuzkoa), eta udal gobernuak lehen aldiz harrera egin zion mila gizon-emakumez baino gehiagoz osatutako Jaizkibel konpainia parekideari, baina emakumeen parte hartzea onartzen ez duen alarde baztertzaileari ere txalo egin zion. Igor Enparan maiatzetik da alkate, Abotsanitz plataformak udal bozak irabazi zituenetik. Aurretik, EAJren esku egon da Hondarribiko Udala, eta alarde baztertzaileari baino ez zion harrera egiten. Are, alardearen barruan desfilatzen zuen udal gobernuak Guadalupeko Amaren ermitara bidean; Hondarribiko bandera eramaten zuen udal gobernuak, eta alkateak aginte makila eman ohi zion alarde baztertzaileko burgumaisuari. Aurten, ez da halakorik egin, baina alarde baztertzaileko konpainia batek herriko banderaren erreplika bat eraman zuen desfilean. Gertaera horrek tentsioa eragin zuela salatu du alkateak, ohar bidez: «Pertsonen edo eragileen aldetik ez zen bortizkeria kasurik izan, baina, zentzu horretan, Hondarribiko Udalarekiko, instituzio bezala, tentsioa sustatu zelakoan nago. Mingarria izan da hiriko bandera beste bandera batekin parez pare ikustea. Udal ordezkariek euste lan handia egin behar izan genuen gatazka areagotu ez zedin». Keinuena izan da aurtengo irailaren 8a: Gernikako Arbola plazatik irten zen Jaizkibel —aspaldi eskatua zuten hori, eta aurreko ostiralean lortu zuten—, eta lehen aldiz Hondarribiko alkateak harrera egin zien; eliz atarian, gainera, alardeari ofizialki egin ohi zaion tokian. Hondarribiko udal gobernuak, ordea, alarde baztertzaileari ere harrera egin zion. Alkateak nabarmendu du indarkeriarik antzeman ez bazuten ere tentsioa «nabarmena» izan zela, besteak beste, alarde baztertzaileko konpainia batek herriko banderaren erreplikarekin desfilatu zuelako eta Guadalupeko ermitan egindako mezan herriko banderaren ondoan kokatu zuelako: «Jakinarazi nahi dut bizikidetzaren oinarria dela demokrazia eta demokraziaren oinarri direla instituzio publikoak. Gizarte osoaren zerbitzura dauden erakundeak dira. Hondarribiko Udalak duen ikur nagusia dugu hiriko bandera. Beste ikur nagusi bat da alkate makila. Ikur horiek, agintean dagoena dagoela, herritarrak batzeko elementuak dira. Horregatik, gizartearen errespetua merezi dute». «Oinarrizko bizikidetzaren printzipioak» errespetatzeko eskatu du Enparanek, eta «arduraz eta errespetuz» jarduteko: «Hondarribian ez dago erakunde militarrik hiriko ikur demokratikoaren gainean beste ikur bat konfrontatzeko legitimitatea duenik. Tinko eutsiko diot guztionak diren erakunde publikoen ikurrak defendatzeari. Oinarrizko ditugun bizikidetzaren printzipio eta balioak ahalegin guztiarekin babestuko ditut». Gaineratu du «kontentzioa» izan zela udal gobernuaren jarrera Alarde Egunean: «Zubiak eraikitzeko bidean, egoera jasangarri bat bizitzeko atzera urratsa egin behar izan dut». Tentuz idatzi du alkateak oharra, zehazki inor seinalatu gabe, baina argi utzi nahian Alarde Eguneko tentsioak «mindu» egin duela. Era berean, aurrez hainbat agintari politikok ukatutakoa aitortu du: «Nabaria da Hondarribian gatazka bat bizi dugula». Harrera instituzionala Inoizko harrera instituzionalik handiena izan zuen Jaizkibel konpainia parekideak aurreko ostiralean. Lekua ere esanguratsua zen: eliz atarian egin zieten harrera. Alardeari harrera ofiziala egiteko tokia da; udal gobernuak urtero hor egin izan dio txalo desfile baztertzaileari, eta inoiz ez Jaizkibeli. Aurten eliz atarian zituzten zain Enparan, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia, Manuel Lezertua EAEko Arartekoa, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria eta Jose Antonio Rodriguez Ranz Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen sailburuordea. Abotsanitz, EH Bildu eta PSE-EEko udal ordezkariak ere bazeuden; EAJkoak, baina, ez ziren han izan. Ondoren, EH Bilduk, Elkarrekin Podemos-IUk, Emakundek eta Arartekoak ez zioten harrera egin alarde baztertzaileari; udaleko EAJk eta PSEk, Enparanek, Mendozak eta Ranzek, aldiz, bai. Ane Garcia Jaizkibeleko kideak aurreko ostiralean azaldu zuen alkateak harrera egitea «positiboa» dela, baina zera azpimarratu zuen: «Nabarmendu nahi dugu alarde baztertzaileari ere harrera egin diola alkateak, eta, oraindik normaltasunik ez dagoen momentu honetan, guretzat, alarde baztertzaileari harrera egitea ez da hautu neutro bat». Jaizkibelek argi du zer duen ortzi mugan. «Aurrerapausoak egon dira, baina ez dugu ahaztu behar gure borrokan jarraituko dugula. Jaizkibel emakumeen eskubideen alde dago; alardea publikoa izatea nahi dugu, bakarra eta parekidea», esan zuen Nora Ferreira kapitainak.
2023-9-14
https://www.berria.eus/albisteak/232783/bizkaibuseko-gidari-batek-salatu-du-erabiltzaile-batek-sexu-jazarpena-egin-ziola.htm
Gizartea
Bizkaibuseko gidari batek salatu du erabiltzaile batek sexu jazarpena egin ziola
Avanza Durangaldeako langile batzordeak adierazi duenez, hilaren 4ean egin zion eraso, Zeanuriko (Bizkaia) lineako zerbitzuan.
Bizkaibuseko gidari batek salatu du erabiltzaile batek sexu jazarpena egin ziola. Avanza Durangaldeako langile batzordeak adierazi duenez, hilaren 4ean egin zion eraso, Zeanuriko (Bizkaia) lineako zerbitzuan.
Bizkaibuseko gidari batek erabiltzaile batek egin dion sexu jazarpena salatu du. Avanza Durangaldeako langile batzordeak adierazi duenez, hilaren 4an egin zion eraso, Zeanuriko (Bizkaia) lineako zerbitzuan. Gidariari lanean ari zela egin zion eraso, baita lanetik kanpo ere. Avanza Durangaldeako langile batzordeak ohar baten bidez azaldu duenez, aspalditik ari dira eskatzen «guztientzako segurua izango den kalitatezko zerbitzu bat». Izan ere, «ibilgailu bakoitzean gidari bakarra egon ohi da, babesik gabe eta unean uneko egoerei aurre egiteko baliabiderik gabe».
2023-9-15
https://www.berria.eus/albisteak/232784/espainiako-auzitegi-nazionalak-ez-du-aurretik-zentsuratuko-urrutikoetxearen-inguruko-dokumentala.htm
Politika
Espainiako Auzitegi Nazionalak ez du aurretik zentsuratuko Urrutikoetxearen inguruko dokumentala
Prentsa askatasuna «ezin da aurretiko zentsurarekin murriztu», adierazi dute. Hainbat elkartek eta gizabanakok filma programaziotik kentzeko eskatu diote Zinemaldiari.
Espainiako Auzitegi Nazionalak ez du aurretik zentsuratuko Urrutikoetxearen inguruko dokumentala. Prentsa askatasuna «ezin da aurretiko zentsurarekin murriztu», adierazi dute. Hainbat elkartek eta gizabanakok filma programaziotik kentzeko eskatu diote Zinemaldiari.
Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak albora utzi du Dignidad y Justicia elkarteak eginiko eskaera, eta ez du No me llame Ternera dokumentala Zinemaldian eman aurretik ikusiko. Josu Urrutikoetxea ETAko ordezkari ohiari eginiko elkarrizketa batean oinarritzen da lana, eta elkarteak Fiskaltzari eskatu dio aurretik ikusteko, horretan litekeena delako «terrorismoa goratzea eta biktimak umiliatzea». Fiskaltzak, ordea, eskaera baztertu du, prentsa askatasunak babesten duelako dokumentala, eta hori «ezin da inolako aurretiko zentsura motarekin murriztu», argudiatu dutenez. Auzitegiak gogoratu du halakoetan bakarrik argitaratu ostean bahitu daitezkeela lanak, epaileen agindu bat badago. Horrez gain, azaldu du prentsa askatasunaren aurkako neurriak ezin direla hartu delituren bat egin dela «uste edo suposatzen delako». Izan ere, salatzaileek ez dute Jordi Evole eta Marius Sanchez kazetariek zuzenduriko dokumentala ikusi. Irailaren 22an hasiko den Donostiako Zinemaldian da estreinatzekoa, eta, gero, Netflix plataforman zabaltzeko asmoa dute. Urrutikoetxeak hainbat elkarrizketa luze eman ditu azken urteotan, bestela ere. BERRIAko Enekoitz Esnaola kazetariak Parisen elkarrizketatu zuen 2020. urtean, espetxetik atera eta gutxira. «Delitu terrorista al da bakea negoziatzea? Ez du zentzurik», esan zuen orduan. Oraingo dokumentalarekin ez bezala, elkarrizketa argitaratu izanaren kontra ez zen ez salaketarik jarri eta ez ekinbiderik abiatu auzitegietan. Abuztuaren amaieran iragarri zuen Evoleren taldeak dokumentala emango zutela 71. Zinemaldian, eta irailaren hasieran xehetasunak eman zituen jaialdiaren zuzendaritzak. Lanaren izenburua zabaldu zuen, eta 101 minutu luze zela. Zehaztu zutenez, elkarrizketa «tirabiratsu eta sakona» daukate Evolek eta Urrutikoetxeak filmean, eta horretan esanikoek «ETAren biktima batek duela ia 50 urte jasan zuen atentatuaren inguruko zalantzak argitu» ditzaketela adierazi zuten. Azken orduetan zabaldu dutenez, dokumentalean Urrutikoetxeak adieraziko luke parte hartu zuela Galdakaoko (Bizkaia) alkate frankista izandako Victor Legorbururen hilketan, 1976. urteko otsailaren 9an. 1966tik aritu zen alkate Legorburu Bizkaiko herrian. ETAko hiru kide auzipetu zituzten eraso horrengatik, ez ordea Urrutikoetxea. Edonola ere, 1977ko urrian amnistia legea ezarri zuten, eta Espainiako auzitegiek afera amaitutzat eman zuten. Zentsuratzeko eskaera Joan zen igandean, gutun ireki bat helarazi zioten Zinemaldiaren zuzendaritzari. Horretan, dokumentala ez zabaltzeko eskatzen zioten zuzendaritzari, ETA eta Urrutikoetxea «zuritzen» dituelakoan. 514 sinadura ditu gutunak. Sinatzaileen artean dira Carmelo Barrio, Carlos Garcia Adanero, Maite Pagazaurtundua, Carlos Martinez Gorriaran, Fernando Savater, Mari Mar Blanco, Cristina Cuesta, Ruben Mujika, Miguel Angel Idigoras eta Fernando Aranburu. Sinatzaileen arabera, dokumentala «ETA eta geure herrialdeko historia terrorista tragikoa zuritzeko prozesuaren parte da, justifikatzeko kontakizuna, zeinak maila berean jartzen dituen hiltzaileak eta laguntzaileak, biktimak eta erresistenteak». Hori dela eta, Zinemaldiari eskatzen diote lana programaziotik kentzeko, eta baita «etorkizunean ekoitz daitezkeen antzeko oro» ere. Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinosek erantzun argia eman zien aste hasieran: jaialdiak ez du dokumentala erretiratuko. Rebordinosek sutsuki ukatu zuen dokumentalak ETA zuritzen duenik, eta gaineratu zuen interesgarria dela «hiltzaileak entzutea, jende guztiak dituelako arrazoiak, nahiz eta horrek ez duen esan nahi justifikazioa dutenik. Jendeak zer edo zerengatik egiten ditu gauzak, eta ona da jakitea, berriz ez gertatzeko. Ezerk ez du justifikatzen ETAk edo GALek eginikoa, baina gauza batzuk azaldu egiten dute». Gutunaren sinatzaileen arrazoiak susmopean jarri zituen, gainera. «Norbaitek esaten duenean film bat zentsuratu behar dela hura ikusi gabe, susmoa hartzen diot. Zentsuratzearen aldekoa bazara, hasten naiz pentsatzen filmaren mamitik haragoko interesak dituzula». Gatazka eta Zinemaldia Lehen ere gertatu dira antzeko ika-mikak Donostiako Zinemaldian, Euskal Herriko gatazka politikoaren harira. 1979. urteko jaialdian Gillo Pontecorvo zinemagile italiarraren Operacion Ogro filma programatu zuten, baina emateko hiru egun falta zirela bertan behera utzi zuten, kopiarekin arazoak zeudela argudiatuta. Francok Espainiako gobernuburu jarritako Carrero Blancoren aurkako erasoa kontatzen du filmak. Bitxia bada ere, Urrutikoetxea bera ere izan zitekeen film hartako protagonistetako bat, berak lapurtu baitzuen Carrero Blanco hiltzeko erabili ziren leherkariak, 1973ko urtarrilaren 21ean, Hernaniko (Gipuzkoa) harrobi batean. Veneziako zinemaldian zuzendari onenaren saria eman zioten Pontecorvori lanarengatik. Edonola ere, Imanol Uriberen Burgosko Prozesua eman zuen Zinemaldiak urte hartan. Bi urte geroago, 1981ean, Uriberen Segoviako Ihesa estreinatu zuten, eta Kritikaren Saria jaso zuen filmak. Eta zuzendari berak Urrezko Maskorra lortu zuen Días contados lanarekin, 1994. urtean. 2014. urtean Pablo Maloren Lasa eta Zabala filma programatu zuen Zinemaldiak. Eta 2021eko jaialdian, Iciar Bollainen Maixabel lana erakutsi zuten. Baina Urrutikoetxearen inguruko dokumentalaren aurkako erreakzioa bezalakoa gogoratzeko, 2003. urtera egin behar da atzera. Orduko Zinemaldian Euskal pilota, larrua harriaren kontra dokumentala aurkeztu zuen Julio Medem zuzendariak. Horretan, dozenaka laguni eginiko elkarrizketak bildu zituen Medemek; politikariak, ETAk eta GALek hildakoen senideak, poliziak, historialariak, artistak, eta enpresaburuak tartean. Orduan, Arnaldo Otegi elkarrizketatu izana izan zen filmaren aurkako kanpainaren argudioetako bat. PPko kiderik ez zuen parte hartu elkarrizketetan, alderdiak ebatzi zuelako horretan ETA kritikatu arren, ez zela euskal abertzaletasuna behar bezain gogor gaitzesten. Medemek Ermuko Foroko Gotzone Mora eta Iñaki Ezkerra elkarrizketatu zituen, baina horiek euren zatiak kentzeko exijitu zioten Medemi gero, auzitegian salatuko zutela bestela. «Historia manipulatzea» eta «indarkeriari koartada ideologikoa ematea» egotzi zioten. «Arnasa ematen dio ETAri eta bere inguruari», esan zuen Ezkerrak. Urrutikoetxearen dokumentala zentsuratzeko eskatu duten Fernando Savaterrek, eta Cristina Cuestak Euskal pilota, larrua harriaren kontra hartan parte hartzeko gonbidapenari ezezkoa eman ziotela esan zuen Medemek.
2023-9-14
https://www.berria.eus/albisteak/232785/psoek-nicolas-redondo-kanporatu-du-bere-siglak-behin-eta-berriz-gutxiesteagatik.htm
Politika
PSOEk Nicolas Redondo kanporatu du, bere siglak «behin eta berriz gutxiesteagatik»
Redondoren adierazpenak politikako garai «erabakigarri» batean egin dituela dio PSOEk, eta horrek «kalte konponezina» ekartzen ahal diola alderdiari.
PSOEk Nicolas Redondo kanporatu du, bere siglak «behin eta berriz gutxiesteagatik». Redondoren adierazpenak politikako garai «erabakigarri» batean egin dituela dio PSOEk, eta horrek «kalte konponezina» ekartzen ahal diola alderdiari.
PSOEko zuzendaritzak joan den astelehenean erabaki zuen Nicolas Redondo Terreros –1997tik 2001era PSE-EEko buru izandakoa– alderditik kanporatzea, bere siglak «behin eta berriz gutxiesteagatik». Ez da lehenbiziko aldia Redondori espedientea irekitzen diotela, duela bi urte ere ireki baitzioten, Isabel Diaz Ayuso Madrilgo Erkidegoko presidentearen kanpaina batean parte hartzeagatik. Espedientea artxibatu zioten barkamena eskatu zuelako, eta erran zuelako berak ez zuela eskatu PPren aldeko babesik. Joan den abuztuaren 19an, PSOEren Batzorde Exekutibo Federalak Redondok egindako zenbait adierazpenen berri izan zuen. Ondorioztatu zuten taldearen «printzipioen kontrakoa» zela errandakoa. Espainiako Kongresuko Mahaiko presidentetza lortzeko PSOEk eta alderdi Katalanek akordioa egin ostean, adibidez, adierazpen hauek egin zituen Redondok: «Onartezina da [Espainiako] Gobernuak iheslari bati uztea bera bahitzen» edo «Gure historia modernoko pasarterik lotsagarrienen zerrendan egongo da». Joan den irailaren 3an ere, bere alderdiaren kontrako adierazpenak egin zituen, hainbat hedabidetan argitaratu zen iritzi artikulu batean: «Ez didate zor, eta ez diet zor. Eta kontua kitatzeko askatasunaz esan dezaket, ahotsak dar-dar egin gabe, ezein gobernuren eraketak eta are gutxiago inoren asmoek merezi dutela gutako bakoitzak dugun gauzarik estimagarrienaren sakrifizioa: duintasuna». Alderdiko estatutuek diote taldeko norbaitek «alderdiarekiko edo afiliatuekiko desleialtasunez bere iritziak publikoki» adierazten baditu zigortua izanen dela. Hortaz, zenbait hedabidek zabaldu dutenaren arabera, espedienteak dio erabaki dutela «militantzia kautelaz eteteko neurria hartzea, PSOEren irudi publikoa babesteko». Izan ere, alderdiak dio Redondok garai politiko «erabakigarri» batean egin dituela adierazpenak, eta «horrek kalte konponezina ekar liezaioke PSOEri».
2023-9-14
https://www.berria.eus/albisteak/232786/oposizioak-autokonplazentzia-leporatu-dio-urkulluri.htm
Politika
Oposizioak «autokonplazentzia» leporatu dio Urkulluri
Oposizioak lehendakariaren autokritika falta kritikatu du. Anduezak Urkulluri gogoratu dio gobernu akordioan ez zela estatus berriaren inguruko punturik txertatu.
Oposizioak «autokonplazentzia» leporatu dio Urkulluri. Oposizioak lehendakariaren autokritika falta kritikatu du. Anduezak Urkulluri gogoratu dio gobernu akordioan ez zela estatus berriaren inguruko punturik txertatu.
Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluren hitzei erantzuteko txanda iritsi da arratsaldean, eta Eusko Legebiltzarreko oposizioko alderdiek euren hitzartzeak baliatu dituzte lehendakariaren «autokonplazentzia» kritikatzeko. Osasungintzan eta Hezkuntza legean egin dute indar. Lehen kasuan, alderdi guztiek bat egin ditu Osakidetzaren itxaron zerrenden eta plantilla arazoek salaketan; bigarrenean, berriz, kritikak oso bestelako ikuspegietatik iritsi zaizkio Jaurlaritzari. Denen ahotan izan den gaietako bat da Urkulluk autogobernuaren inguruan eginiko proposamena ere. Hark EAJren babesa soilik eskuratu du. Jeltzaleen bozeramaile Joseba Egibarrek Urkulluren «zorroztasuna eta seriotasuna» nabarmendu ditu, eta oposizioak harekiko izaniko jarrera kritikatu: «Ez diezaiegun herritarrei katastrofismoa islatu». Batez ere EH Bilduri zuzendu dizkio bere kritikak, esanez «populismoa» baliatzen ari direla euren tesia herritarren artean zabaltzeko: «Zerbitzu publikoen gainbehera sentsazioa sortzen ari zarete». Nerea Kortajarena EH Bilduko eledunaren ustez, Urkulluk autokritika aipatu bai, baina ez du egin. Izan ere, kritikatu dio bere hitzalditik ondorioztatu daitekeela «dena ondo» doala. Hala, herritarrengandik «deskonektatuta» egotea leporatu dio: «Herri hau beste frekuentzia batean sentitzen da». Izan ere, EH Bilduren ustez, Jaurlaritzaren «triunfalismoa» ez da aproposa egungo datuei erreparatuz gero. Kortajarenak adierazi du muturreko pobreziak behera egin duen arren, desparekotasunak gora egin duela, enpleguaren prekarizazioa ez dela eten, eta alokairuen prezioak %20 egin duela gora azken sei urteetan. Osakidetzaren kasuan, berriz, herritarren balorazioen beherakada handia eta seguru pribatuen gorakada aipatu ditu kudeaketan izandako akatsen ondoriotzat. Finean, Kortajarenak «misio, bisio eta anbizio falta» leporatu dio Urkulluri, «jauzi bat ematea» beharrezkoa den unean. Haren ustez, ongizate egiturak aldatzeko, ezagutza sistema berritzeko, identitate komunitarioa indartzeko eta segurtasun eredu propio bat garatzeko momentua da. PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak sailburu sozialisten lana txalotu du. Besteak beste, langabezia tasa %10etik behera jaitsi izana goraipatu du, eta etxebizitza arloan egindako urratsak nabarmendu. Arlo horretan, Urkulluri txarretsi dio Espainiako Etxebizitza legearen kontra egin izana, baita 2015eko EAEko Etxebizitza legearekin berdin jokatzea ere. «PPren erkidegoen alboan kokatzen ditu batzuk horrek», adierazi du. Aurrera begira, berriz, klima larrialdiari aurre egiteko politiketan, hezkuntzak, osasungintzan eta berdintasunetan egin du indar, horietan «politika ausartak» behar direla esanez. Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko eledunak adierazi du «nekeza» izan dela pandemiaren eta Ukrainako gerraren eraginei aurre egitea, baina galdera dela ea zer egin duen Jaurlaritzak «osasungintzaren hausturari» eta energia krisiari aurre egiteko. Lehenari dagokionez, adierazi du herritarrek euren azalean bizi dutela Osakidetzaren «desegitea», eta Jaurlaritzak ez duela erantzun egokirik eman. Bestalde, auzi ekosozialari erantzuteko estrategia falta leporatu dio Urkulluri, eta berrindustrializazio prozesua trantsizio ekologikoari lotuta egiteko beharra azaldu du: «Energiaren demokratizazioan oinarritzen den prozesu bat proposatzen dugu guk». Hezkuntza lege proiektua ere kritikatu du Gorrotxategik, iaz adostutako itunetik aldentzen dela esanez: «Publikoaren kontzeptua arriskuan jartzen ari da». Autokritika gutxi egitea egotzi dio PPko eledun Carlos ere lehendakariari, eta gehitu Urkulluren «zikloaren amaiera» agerian geratu dela. Azken urteetan «harrokeriaz» jokatu izana leporatu dio, eta azaldu horrek gizarteko sektore ezberdinekin hartu emanak izatera eraman duela. Besteak beste, kritikatu du Jaurlaritza ez dela izan Osakidetzan «irekitako zuloak estaltzeko» eta Ertzaintza «krisi larri» batera eraman duela. Ciudadanoseko Jose Manuel Gil lehen aldiz aritu da politika orokorreko eztabaida batean, PPren «traizioa» eta PP+Cs koalizioaren haustura dela medio. Talde mixtoko kideak Urkulluren «triunfalismoa» kritikatu eta nazionalismoa jo du «Euskadiren arazotzat». Bide horretatik, euskararen erabilera jarri du jomugan, izan hezkuntzan edo administrazioan, haren «inposaketa» sustatzen ari direlakoan: «Gaztelera da guztion hizkuntza». Antzeko argudioak erabili ditu Voxeko Amaia Martinezek ere Eusko Jaurlaritzak hezkuntzan izandako jarrera kritikatzeko: «Euskara helburu politiko eta alderdikoiekin erabiltzen duzue». Hala, Urkulluri aurpegiratu dio bere «proiektu erradikala» euskal gizartearen helburutik urrun egotea. Autogobernua Urkulluk autogobernuaren alorrean egindako hiru proposamenek ─estatutua osatu, estatus berria mahai gainean jarri eta «konbentzio konstituzionala» gauzatu─ Egibarren babesa soilik izan dute. Izan ere, EAJko eledunak argudiatu egoerari «argia» emateko asmoa dutela, eta Espainiako Gobernuari dagokiola orain erantzun bat ematea. Izan ere, Egibarrek adierazi du Pedro Sanchezek Espainiako gobernuburu gisa jarraitzen badu, hori euskal herritarrei eta katalanei esker izango dela. Era berean, uste du horrek berarekin dakarrela Euskal Herrian zein Katalunian bizi den arazo politikoari konponbide bat topatzeko beharra. Beraz, bi lurralde horietako «errealitate nazionalak» onartzea abiapuntu bat dela uste du, «erabakiguneak errespetatzearekin» batera. Kortajarenak, berriz, nabarmendu du egungo erronkei erantzuteko ezinbestekoa dela burujabetza, egun Euskal Herriari «ukatzen» zaiona, eta helburu horrekin akordioak egiteko prest agertu da. Hark, gainera, nabarmendu du egungo testuinguru politikoa aproposa dela horretarako. Espainiako panoramari so, azaldu du ez dela posible Madrilen gobernu aurrerakoi bat osatzea «gehiengo plurinazionalik» gabe, eta horrek, bere horretan, «agenda plurinazionala» martxan jartzea suposatu behar duela: «Aukera historiko hau aprobetxatu egin behar dugu». Kontrara, Anduezak gogoratu du EAJren eta PSE-EEren arteko gobernu akordioan autogobernua garatzea adostu zutela, baina estatutuaren mugen barruan. Hala, Urkulluren «konbentzio konstituzionalaren» eta estatus berriaren inguruko proposamenen aurka egin du: «Euskadik ez du Lizarrako itunera itzultzeko beharrik». Argudiatu du Urkulluren helburua dela eredu konfederal bat sustatzea, eta sozialistek ez dutela hori erraztuko. Elkarrekin Podemos-IUk ez du errefusatu estatus berriaren gaineko elkarrizketa, baina kritikatu du autogobernua hauteskunde garaian erabiltzeko «baliabide komunikatibo» gisa erabiltzen ari dela Urkullu. Izan ere, Gorrotxategik txarretsi du azken urteetan EAJk eta Jaurlaritzak soilik aipatu dutela Etxebizitza Legearen, elektrizitate enpresen irabaziak grabatzearen eta fortuna handiei zergak handitzearen kontra egiteko, eskumen urraketak argudiatuta. Iturgaizek ere afera hauteskundeei begira erabiltzea salatu du, esanez «konbentzio konstituzionala» proposatu izanaren helburua dela «EH Bilduren kaletan arrantza egitea», abertzaleen botoak berreskuratzeko asmoz. Horren ordez, Sanchezekin eta EH Bildurekin egindako akordioak uzteko eskatu dio, popularrak akordioetara iristeko prest daudela esanez; besteak beste, gogoratu du PP izan zela Durangoko (Bizkaia) alkatetza eta Gipuzkoako Foru Aldundia EAJren esku utzi zituena.
2023-9-14
https://www.berria.eus/albisteak/232787/evenepoel-aise-nagusitu-da-vueltako-18-etapan-eta-kussek-sendotu-egin-du-lidergoa.htm
Kirola
Evenepoel aise nagusitu da Vueltako 18. etapan, eta Kussek sendotu egin du lidergoa
Flandriarrak erakustaldia egin du Cruz de Linaresera bidean, ihesaldia hartu eta aurkariei urrutitik eraso eginda. Kussek gertuago du garaipena: taldekideen babesa izan du, eta bederatzi segundo atera dizkio Vingegaardi
Evenepoel aise nagusitu da Vueltako 18. etapan, eta Kussek sendotu egin du lidergoa. Flandriarrak erakustaldia egin du Cruz de Linaresera bidean, ihesaldia hartu eta aurkariei urrutitik eraso eginda. Kussek gertuago du garaipena: taldekideen babesa izan du, eta bederatzi segundo atera dizkio Vingegaardi
Gauza bat da lasterketa bateko liderra izatea, eta beste bat, talde barruan buruzagi sentitzea. Sepp Kussek 6. etapan eskuratu zuen Vueltako maillot gorria, baina gogotik kosta zaio Jumbo Visma taldeko agintea lortzea. Izatez, Primoz Roglic eta Jonas Vingegaardi laguntzea zegokion, baina errepideak taldeburuen pare ipini du. Haiek kolokan jarri dute Kussen lidergoa mendiko etapetan, erasoz eraso; gaur, ordea, men egin diote lasterketako liderrari, Cruz de Linareseko igoeran bukatu den etapan. Garaipena, berriz, Remco Evenepoelentzat (Soudal) izan da, ihesean beste erakustaldi bat eginda. Jakina zen Vuelta Jumbo taldeko txirrindulari batek irabaziko duela, eta ziurrenik, Kuss izango da txirrindulari hori. Mendian suzko proba bakarra geratzen zaio, larunbatekoa, eta antza denez, Vingegaardek eta Roglicek ontzat eman dute lasterketa hark irabaztea. Izan ere, erasotu baino, babestu egin dute gaur. Batik bat Vingegaardek egin ditu babesle lanak, eta bederatzi segundo galdu ditu helmugan Kussekin. Hori horrela, hamazazpi segundokoa da orain sailkapeneko aurreneko bien arteko aldea. Roglicek, berriz, 1.08ra jarraitzen du. Mikel Landak (Bahrain) laugarren postura igotzeko ahalegina egin du azken mendatean, baina ezin izan du Juan Ayuso (UAE) atzean utzi, eta hiru segundo galdu ditu esprintean. Espainiarra 19 segundora du orain, eta 4.19ra lidergoa. Maillot gorriaren lehiatik kanpo dago Remco Evenepoel (Soudal), baina dagoeneko hiru etapa irabazi ditu, eta eskalatzaile onenaren elastikoarekin igoko da Madrilgo podiumera. Gaur eman du azken kolpea mendiko sailkapenean, beste behin ihesaldian sartu eta mendiz mendi puntuak zakuratuta. Harekin batera, beste hamahiru txirrindularik egin dute hanka tropeletik; Evenepoeli itzal egiteko prest ziren Damiano Caruso (Bahrain), Egan Bernal (Ineos), Max Poole (DSM) eta Andreas Kron (Lotto), besteak beste. Imanol Erbiti (Movistar) ere abenturari lotu zaio, bere ibilbidearen azken txanpan emaitza on bat lortu nahian. Azkar osatu, eta berehala finkatu da ihesaldia. Jumbo Vismak zorroa garaipenez betea du jada, eta gainera, ez zitzaion komeni helmugako gainsarien lehiak liderren arteko sua hauspotzea. Hori horrela, tropela oso mantso gidatu du, eta tartea aise zabaltzen utzi die lasterketa buruko txirrindulariei. Haiek elkarrekin igaro dituzte Estacas eta San Lorenzoko mendateak; tropela hamar minutu ingurura izanik, ez dute erritmoa bizitzeko beharrik izan. Tenebredon gora, baina, estutzen hasi da Evenepoel, eta gurpilean eraman ditu beste hautagaiak. Erbitik, ordea, ezin izan du galbahea igaro. Cruz de Linares birritan igo behar zuten etaparen bukaeran. Bada, igoera bakarra aski izan zaio Evenepoeli etaparen borroka erabakita uzteko. Eutsi egin diote hasieran Carusok eta Poolek, baina bakarrik gelditu da tontorretik lau kilometrora, malda pikoenetan abiada azkartu ondoren. Helmugarako 29 kilometro luze gelditzen ziren oraindik, baina etapak garailea zuen horrezkero. Tropelean, Bahrain taldeak txanda hartu dio Jumbori Cruz de Linareseko lehen igoeran. Aletu egin da multzoa, baina hautagaiek azken igoerarako gorde dituzte erasoak. Mikel Landak (Bahrain) astindu du erlauntza, baina Jumboko hirukotea ez da ziztaka hasi. Horren ordez, Vingegaardek jarritako erritmoari jarraitu diote. Landak ekinean jarraitu du, eta Ayuso ere ez da geldi egon. Kohesioari eutsi diote, ordea, sailkapeneko lehen hiruek. Hori horrela, zirrara galdu du azken kilometroetako borrokak, eta Vuelta irabazteko urrats handia egin Kussek. Bihar arazorik gabe eutsi beharko lioke lidergoari, etapa laua jokatuko baita La Bañeza eta Iscar artean.
2023-9-15
https://www.berria.eus/albisteak/232806/gaztelerazko-film-batekin-itzuli-da-zinema-etb1era-eta-hainbaten-haserrea-eragin-du-horrek.htm
Bizigiro
Gaztelerazko film batekin itzuli da zinema ETB1era, eta hainbaten haserrea eragin du horrek
'Zinea Zetaz' saioa gaztelerazko film batekin hasi da, 'Érase una vez en Euskadi', nahiz eta euskarazko izenburua iragarri: 'Bazen behin Euskadin'. Filmean, azpidatzietara mugatu da euskara. Filmak %0,4ko pantaila kuota izan du: 2.000 ikusle. Aurretik, Itziar Ituñok bost minutuko sarrera bat egin du.
Gaztelerazko film batekin itzuli da zinema ETB1era, eta hainbaten haserrea eragin du horrek. 'Zinea Zetaz' saioa gaztelerazko film batekin hasi da, 'Érase una vez en Euskadi', nahiz eta euskarazko izenburua iragarri: 'Bazen behin Euskadin'. Filmean, azpidatzietara mugatu da euskara. Filmak %0,4ko pantaila kuota izan du: 2.000 ikusle. Aurretik, Itziar Ituñok bost minutuko sarrera bat egin du.
«ETB1en espainolez ematen ari dira filma, euskarazko azpidatziekin? Gustu txarreko txistea da?», galdetu zuen X sare sozialean Administrazioan Euskaraz Taldea kontuak. Eta ez zen bakarra izan. Zinea Zetaz ETB1eko saio berriak euskaldunak sutu zituen atzo, lehen filma gazteleraz emateagatik; azpidatzietara mugatu zen filmean euskararen presentzia. «Euskaldunoi egindako adar jotze larria, Euskal Telebista! Esperantza genuen 10 urteren ondoren euskarazko zinema saio bat egongo zelako... baina lehen filma espainieraz bota dute», salatu zuen Harlock Kapitaina kontuak. «Ba, gogoa nuen saioa ikusteko, baina pelikula gazteleraz zela ikusi dudanean ETB1 amatatu dut. ETB1en zinea zetaz idatzi beharrean, 'C' hizkiarekin idazten da», azaldu zuen Baloia Sarera kontuak. Ironia erabili duenik ere bada: «Euskaraz irakurtzeko zaletasuna bultzatzeko kanpaina bitxia ETB1en, antzezle ospetsuek aurkeztuta eta zetazko metrajean», zioen Pello Mikelenak. Atzo gauean, zinema ETB1era itzuli zen. «Aspaldiko partez, zinemari eskainitako programa bat euskaraz egingo du ETBk», idatzi zuen BERRIAn Urtzi Urkizu kazetariak atzo. Eta itzuli, itzuli zen, baina ez ikusleek espero zuten moduan, ezta ETB1en beharko lukeen moduan ere. Iragarria zuen EITBk Zinea Zetaz saioan Euskal Herriko ekoizpenak emango zituztela, eta euskarazkoez gain, gaztelerazko filmak ere emango zituztela. Baina, ETBn eta pantailetan orokorrean euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko gizarte mugimendu sendo bat dagoen honetan, inork ez zuen espero gaztelerazko film batekin itzuliko zenik zinema ETB1era. Filmak euskarara bikoiztuta egotea espero zen. Ikusle asko engainatuta sentitu ziren. «Baina, baina... zer da hau? Filma gaztelaniaz da. Euskarazko azpititulu txikiekin. Zergatik ez dute bikoiztu?», galdetzen zuen X-n Iñaki Biainek. Eta ez zen gutxiagorako. Egia da EITBk ez zuela iragarri Euskal Herrian ekoiztutako gaztelerazko filmak bikoiztuta emango zituenik, baina atzo eman zuten filma euskarazko izenburuarekin iragarria zegoen, Bazen behin Euskadin, eta horrek pentsarazi zuen euskaraz emango zutela. Bikoizketarik ez zen izan, ordea, eta Érase una vez en Euskadi eman zuten, euskarazko azpidatziekin. BERRIAk jakin duenez, filmaren ikusle kopurua ez da ona izan. %0,4ko pantaila kuota izan zuen: alegia, 2.000 ikusle. ETBk ez du iragarri Zinea Zetaz saioak zenbat atal izango dituen, baina lehen pelikulen izenburuak eman ditu. Guztiek euskarazko izenburua dute (pertsona baten izen propioa izenburutzat dutenak alde batera utzita): Bazen behin Euskadin, Nora, Ane, Ilargi guztiak eta Handia. Atzokoa ikusita, ikusi egin beharko da zer hizkuntzatan emango dituzten. Atzoko filma hasi aurretik, Itziar Ituño aktoreak bost minutuko sarrera bat egin zuen. Bera eta Eneko Sagardoi txandakatuko dira saioan lan horretan. Nabarmentzekoa da Sagardoik atzoko saioaren aurretik esandakoa, euskarazko zinema saio bat egotearen garrantziaz galdetuta: «Garrantzitsua da, zinemazale euskaldunak existitzen garelako, eta batez ere zinemazale euskaldunak existitu daitezen». Primeran plataforman ere, gazteleraz Ez ETB1en bakarrik. Gaur abiatu den Primeran plataforman ere film hori euskaraz ikusi nahi izanez gero, hautu hori egin arren, atzo ETB1en eman zuten moduan ikusiko du erabiltzaileak: gazteleraz, euskarazko azpidatziekin. Joan den larunbatean, hain zuzen, Euskal Herriko 31 eragilek agerraldi jendetsua egin zuten Gasteizen, eta «kezka» agertu zuten Eusko Jaurlaritzak euskarazko kulturaren eta euskarazko ikus-entzunezkoen inguruan duen jarrerarekin. Azaldu zuten uste dutela EITBren telebista kate eta irratietan gaztelerazko edukiei ematen zaiela lehentasuna, eta «zokoratuta» dagoela. Horregatik, kanpaina bat abiatuko dute Eusko Jaurlaritzari eskatzeko kultura eta ikus-entzunezkoen politikak «errotik» aldatzeko. Aldatu Gidoia Euskararen alde leloa izango du kanpainak.
2023-9-18
https://www.berria.eus/albisteak/232807/hitza-hitz-festibala-bigarrenez.htm
Kultura
Hitza Hitz festibala, bigarrenez
Irailaren 22an eta 23an eginen dute Mauleko musika urbanoen bigarren festibala. Joan den urteko ikasgaiak kontuan hartu dituzte antolatzaileek aurtengoa antolatzeko.
Hitza Hitz festibala, bigarrenez. Irailaren 22an eta 23an eginen dute Mauleko musika urbanoen bigarren festibala. Joan den urteko ikasgaiak kontuan hartu dituzte antolatzaileek aurtengoa antolatzeko.
Iragan urtean egin zuten lehen Hitza Hitz festibala Maulen, baina ez zen antolatzaileek nahi bezala iragan; euri azkarrengatik, kontzertu batzuk ezeztatu behar izan zituzten, eta 50.000 euroko defizitarekin itxi zituzten kontuak. Ez ziren hargatik hoztu, eta heldu den asteburuan, irailaren 22 eta 23an, bigarren Hitza Hitz eginen dute, antolatzaile talde zabalago baten “hats berriarekin”. Festibalerat elkarte antolatzaileak etengabeko indarra egin du urte osoan defizita tipitzeko: tonbola bat, laguntza ekonomikorako deia, Moneinen (Biarno) musika gaualdi bat eta aurtengo Hitza Hitz festibalean parte hartzeko musika taldeen lehiaketa antolatu dituzte. Charlie Josue elkarteko diruzainak argitu du bi kontabilitate direla iazkoa eta aurtengo jaialdiarena: “Elkartekoa zorretan da oraino, baina aurtengo festibalarentzat laguntza publikoak ukan ditugu”. Departamenduaren eta eskualdearen laguntzak ukan dituzte edizio honentzat, eta iaz bezala, Mauleko Herriko Etxearena ere bai. Antolatu ekitaldiekin, defizitaren erdia pagatu dute. Laguntza eskaerak egitean joan den urteko zailtasunak azpimarratu dituzte instituzioekin ukan harremanetan. “Erran diegu joan den urteko aldiak bost aldiren esperientzia eman digula…”. Aurten gastuak tipitu dituzte sail guztietan, den-dena “negoziatuz”, eta musika talde gutiago ekarriz. Musika estilo gehiago Musika urbanoaren festibal gisa aurkeztu zuten Hitza Hitz festibala joan den urtean, eta rap, tekno edo elektro musika ziren nagusi. Aurten panorama zabalagoa aurkeztuko dutela zehaztu du Josuek: “Ohartu gara soilik tekno, elektro edo rapa egitea ez dela gure nortasuna. Gure elkarteko kideen artean estilo desberdin anitz behatzen ditugu, eta nahi genuen hori agerian ezarri. Joan den urtean pertsona bakarrak kudeatzen zuen programazioa, eta aurten lauk; beraz, bortxaz eztabaida gehiago bada, gogoeta gehiago”. Emaitza aurtengo afixan agerikoa da, cumbia edo punk taldeak izanen baitira, besteak beste. Ekarriko duten talde ezagunena punk talde bat da, preseski: Ludwig Von 88. Vulves Assassines taldearen punk feminista, Sidi Wacho taldearen cumbia eta Vandalen artek estilo gogorragoa ariko dira bat bestearen ondotik. Aurtengo aldiaren kantua egin duten bi talde ere bai, besteen artean: Gerard Baste & The Slip Squad eta Spartak Neruda Dementziala. Ostiralean 19:30etik 02:30era, eta larunbatean, berriz, 18:00etan hasiko da saioa, eta 02:45ean hasiko da azken taldea. Estiloen nahasketarekin, jende desberdina erakartzea eta “nahastea” espero dutela erran du Josuek: “Ludwig Von 88 ikustera 50 urteko pertsona bat jiten bada, kontzertuaren ondotik gazte belaunaldiek ezagutzen duten Ashkabad entzuten ahalko du. Ez da batere haren estiloa, baina beharbada maita lezake. Gazteago bat Ashkabad ikustera jinen da, eta Ludwig Von 88 deskubrituko du. Hori ederra da”. Euria izan edo ez, aurten ez dute kontzerturik ezeztatuko aterpe eskasagatik: joan den urtean bezala, zirku karpa bat plantan ezarriko dute, baina aurten iazkoa halako hiru da. Bi oholtza izanen dira, biak aterpean. Musika elektronikoentzat, berriz, intentzioa ez da indarra galtzea, iragan urteko bafleen batio kopurua halako bi ukanen baitute. Saretzen eta errotzen Lehen festibalaren ondoko gogoetetan, antolatzaileek egin beharreko lanketa batzuk azpimarratu zituzten. Horietan, lekuko elkarteekin saretzeko beharra. EHZ Euskal Herria Zuzenean jaialdia, Biarritz Hall Music eta Eretan (Biarno) eginen den Sismik festibaleko antolatzaileekin harremanak sortu dituzte, eta “interesgarria da saretzea eta elkar laguntzea”, Josueren arabera. Iraila hondarrean, beste gogoeta bat izan zen iaz Hitza Hitzera lekuko jende guti agertu zela; zuberotar guti, bereziki. Formula bat asmatu dute kuriositate pitin bat dutenak erakartzeko: larunbat arratsaldea dohainik irekiko da seietan, programazio ofiziala hasi arte. “Pentsatzen dugu ez dutela bortxaz txartelaren prezioa pagatu nahi. Hor parada ukanen dute hanburgesa edo talo bat jateko, zerbait edateko, eta giroa gustukoa badute segur gara jende horiek iluntzean ere hor egonen direla. Helburua da denei irekitzea”. Antolatzaileek ez dute publikoarentzat janaririk prestatzen, eta hor ere aldaketa agerikoa izanen da. Iaz food truck edo janari furgoneta batzuk ezarri zituzten. Aurten, lekuko elkarte edo artisauek dute lehentasuna, Josueren erranetan: “Larunbatean 16:00etatik 00:00etara ikastolak taloak eginen ditu. Mathieu Garat okin barkoxtarrak ere hanburgesak eginen ditu, joan den urtean bezala”. Zuberoako talde feministaren deia ere entzun dute, eta joan den maiatzean indarkeria sexisten kontrako protokolo bat plantan ezartzeko bilkuran parte hartu zuten, besta batzordeetako kide batzuekin. Pagolan Tula Laika ikastolen bestan egin zen bezala, Josuek esplikatu du aplikatuko dutela denen artean adostua izan den protokoloa: “Mezuak pasatuko dira bafleetatik, eta erasotzaileak baztertzeko ahaleginak eginen dira: kontzertua gelditu dezakegu, eta, eraso larri bat gertatzen bada, festibala ere ezezta dezakegu”.
2023-9-15
https://www.berria.eus/albisteak/232808/benizze-proiektuak-irabazi-du-paradisu-zinema-musika-beka.htm
Kultura
Benizze proiektuak irabazi du Paradisu Zinema musika beka
Iñigo Muguruzari omenaldia egiteko asmoz sortu dute beka Elkar argitaletxeak, EHZ festibalak eta Antxeta irratiak. 10.000 euroko saria jasoko du irabazleak, diskoa ekoitzi, editatu eta haren sustapena egiteko.
Benizze proiektuak irabazi du Paradisu Zinema musika beka. Iñigo Muguruzari omenaldia egiteko asmoz sortu dute beka Elkar argitaletxeak, EHZ festibalak eta Antxeta irratiak. 10.000 euroko saria jasoko du irabazleak, diskoa ekoitzi, editatu eta haren sustapena egiteko.
Beñat Goitia musikariaren Benizze proiektu hasiberriak irabazi du Paradisu Zinema musika bekaren lehen aldia. Hala erabaki du Andres Kamio Elkar Musikako arduradunak, Joana Barbier EHZ festibaleko antolatzaileak eta Maia Muruaga Antxeta irratiko kazetariak osatutako epaimahaiak. 10.000 euroko saria jasoko du irabazleak, diskoa ekoitzi, editatu eta haren sustapena egiteko. Horrez gainera, 2024ko EHZ jaialdian jotzeko aukera izango du. Proiektuaren «ausardia eta freskotasuna» nabarmendu du epaimahaiak, eta egungo musika ohituretara «erraz» egokituko dela uste dute. Denera, 28 talde aurkeztu dira bekara, eta horien lana ere aitortu nahi izan dute: «Argi geratu zaigu Euskal Herrian eta euskaraz asko ekoizten dela; hainbat estilotan, gainera». Gehiago irakurri: «Nire oinarriekin zintzoa naiz: egungo soinua eta euskara» Iñigo Muguruza musikariari «omenaldi xume bat» egiteko asmoz eta euskal musikarien lanak sustatzeko helburuarekin sortu dute Paradisu Zinema musika beka Elkar argitaletxeak, EHZ festibalak eta Antxeta irratiak.
2023-9-18
https://www.berria.eus/albisteak/232809/itsas-kultur-ondarea-josten.htm
Bizigiro
Itsas kultur-ondarea josten
Euskal baleazaleen helmuga kutunetako bat izan zen Islandia mendeetan. Bi herrion itsas kultur-ondarea berreskuratzeko proiektu batean parte hartuko du orain Albaolak.
Itsas kultur-ondarea josten. Euskal baleazaleen helmuga kutunetako bat izan zen Islandia mendeetan. Bi herrion itsas kultur-ondarea berreskuratzeko proiektu batean parte hartuko du orain Albaolak.
Basque Association in Iceland elkarteak Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktoria gonbidatu zuen 2021eko abuztuan Islandiara, herrialde horretako Strandir eskualdeko Djupavik herrian Euskal Zentroa eraiki nahi baitu. Xedea da bi nazio txikiren itsas kultur-ondarea berreskuratu eta historia bateratua ezagutaraztea. Izan ere, XVI. eta XVII. mendeetako euskal marinelek Islandia mendebaldeko eskualde horrekin izan zuten harreman handien, bertara abiatzen baitziren baleen ehizara. “Zentroaren eraikitze lanak hasita badaude ere, museoa 2025eko abuztuan zabalduko dute, lehen erakusketarekin batera”, azaldu du Xabier Agote Albaola Itsas Kultur Faktoriaren lehendakariak. Ordura arte, Pasaiako Albaolak hainbat zeregin izango ditu Euskal Zentroa abian jarri aurretik. Batetik, datorren urriaren 16an eta 17an topaketa batzuk antolatuko dituzte Pasaiako egoitzan. Bertan, euskal ontzigintzaren ezagutza partekatuko dute ontzigile tradizionalekin eta historialariekin, baleontzietan arreta berezia jarrita. Topaketak sinposio moduan egingo badituzte ere, guztientzat zabalik izango dira Albaolako ateak. Bestetik, Albaolako kideek prestakuntza intentsiboa eskainiko diete Islandiako ontzigile tradizionalei. Izan ere, Djupavikeko Euskal Zentro berrian arotz islandiarrek euskal baleontzi bat eraiki nahi dute. Urrian hasiko dute prestakuntza lana, Pasaian bertan, eta 2024an ere horretan jarraituko dute. 1615eko sarraskia gogoan Gaur egungo begiradatik sinesgaitza dirudien arren, euskaldunak hiltzen baimentzen zuen lege bat egon zen indarrean Islandian, mende askoan. Hango Cristian IV.a erregeak jarri zuen abian XVII. mendean, eta Islandiako buruzagi Ari Magnussonek bermatu zuen, harik eta 2015ean legea indargabetu zuten arte. Pasarterik esanguratsuena 1615ean jazo zen. Urte hartan, Euskal Herriko hamabi galeoi txiki abiatu ziren Norvegiarantz, balea bila. Haietako hiruk, ordea, Islandiara lekualdatzea erabaki zuten, eta itsasontziak buelta egiteko prest zeudenean, ekaitz bortitz batek astindu zituen hiru baleontziak, eta aingurak puskatu zizkien. Lehorra jo eta hondoratu egin ziren. Laurogei marinel irten ziren onik, eta haien asmoa Euskal Herrira itzultzeko itsasontzi bila irlaren hegoaldera jotzea izan bazen ere, gauzak okertu egin zitzaizkien. “Hurrengo egunetako gorabeherak Islandiako hainbat sagatan [bertso idatziz osaturiko liburuak] daude bilduta”, jakinarazi du Agotek. “Hiru taldetxo osatu zituzten euskal marinelek, sakabanatuta helburura iristeko aukera handiagoa izango zutelakoan. Bi talde oso gertu ibili ziren, baina hirugarrena dezente aldendu zen hegoaldera”. Galbidea izan zen azkeneko horientzat. Islandiarrek euskal marinelak harrapatu zituztenean, banan-banan hil zituzten. Datuen arabera, oso modu bortitzean egin zuten sarraskia; Martin de Villafranca izeneko kapitain baten kasua ekarri du gogora Agotek: “Oso gizon handi eta gihartsua zen, eta aizkorakada bat eman zioten bizkarrean. Hala eta guztiz ere, gai izan zen uretara salto egin eta itsasoan igerian latinez abesten hasteko [otoitzak, ziurrenik]”. Agotek azaldu du nola, erabat harrituta, islandiarrak txalupan Villafrancarengana hurbildu ziren, eta harriak bota zizkioten. Ondoren, harrapatu, hondartzara eraman eta bertan labankadaz hil zuten. Antzera hil zituzten gainontzekoak. “2015ean hainbat islandiarrek erabaki zuten pasarte hori oroitzea. Hori dela eta, ikerlariak pasartea ikertzean ohartu ziren ordura arte indarrean egon zela euskaldunak hiltzea baimentzen zuen lege bat”, zehaztu du Agotek. Euskal Herria eta Islandia batuko dituen proiektuaren bidez, horrelako pasarte historikoak omendu baino gehiago, “oroitarazi” egin nahi izan dituzte. ‘Apaizac obeto’, aitzindari Islandiakoa ez da Albaolak nazioartean garatu duen proiektu bakarra. 2004an hasi ziren duela hainbat mendetako balea txalupen erreplikak eraikitzen, Kanadako zenbait ikerlariren txostenak erabiliz. Islandiako zentroan horrelako baleontzi bat egiteko asmoa ere badute. Bi urte geroago, 2006an, Apaizac obeto espedizioa antolatu zuen Pasaiako itsas faktoriak, Kanadako Ternuan, Quebecen eta Red Bay herrian barrena. XVI. nahiz XVII. mendeetako euskal balea arrantzaleek utzitako arrastoak berreskuratzea zen haien helburua. Agote bera izan zen espedizioaren zuzendari, eta Jon Maia Soria kronikagileak liburu bat argitaratu zuen. “Garai hartako arropekin, arraunean nabigatu genituen 2.000 kilometro baino gehiago”, esan du Agotek.
2023-9-15
https://www.berria.eus/albisteak/232810/ortuzarren-deia-militanteei-alderdi-egunean-parte-hartzeko-alderdiak-behar-zaitu.htm
Politika
Ortuzarren deia militanteei, Alderdi Egunean parte hartzeko: «Alderdiak behar zaitu»
«Foronda betetzera» deitu du EBBko presidenteak, honakoa «garai politiko konplikatua» dela aitortuta
Ortuzarren deia militanteei, Alderdi Egunean parte hartzeko: «Alderdiak behar zaitu». «Foronda betetzera» deitu du EBBko presidenteak, honakoa «garai politiko konplikatua» dela aitortuta
«Euskadik berriro behar zaitu. Baita alderdiak ere». Militantzia aktibatzeko dei zuzena egin du EAJk, irailaren 24an egitekoa den Alderdi Egunaren karira. Alderdikideei gutuna igorri die Andoni Ortuzarrek, EBBko presidenteak, eta bertan, Forondara joatera animatu ditu, «bereziki senide, lagunarte eta koadrillarekin batera». Indar erakustaldia egin nahi du alderdiak hilaren 24ko ospakizunean, eta horretarako, ezinbestekotzat jo dute «Forondako zelaiak jeltzale eta abertzalez gainezka egotea». Honakoa «garai politiko garrantzitsua eta oso konplikatua» dela aipatu du Ortuzarrek idatzian, «azken hauteskundeetan ikusi den bezala». Besteak beste, aipatzen ditu Espainiako Gobernua eratzeko negoziazioaz, Euskal Autonomia Erkidegoko legealdiaren amaiera eta udaberriko hauteskundeak. «Emaitza onak izan ditzagun, EAJ indartsua behar dugu, Euskadiko taula politikoan, Estatuan eta Europan indartsu eta sendo egongo den EAJ behar dugu». Alderdi Egunetik «indarberrituta eta datorrenari heltzeko indartsu» atera nahi dute jeltzaleek.
2023-9-15
https://www.berria.eus/albisteak/232811/araba-bizkai-eta-gipuzkoako-lanbide-heziketako-matrikulazioa-53-igo-da-urtebetean.htm
Gizartea
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Lanbide Heziketako matrikulazioa %5,3 igo da urtebetean
49.000 ikasleetatik %52,7 arituko dira B edo D ereduan. Hamar ikasletik lau modalitate dualean arituko dira, ikasten eta lanean.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Lanbide Heziketako matrikulazioa %5,3 igo da urtebetean. 49.000 ikasleetatik %52,7 arituko dira B edo D ereduan. Hamar ikasletik lau modalitate dualean arituko dira, ikasten eta lanean.
«Lanbide Heziketak eraldaketa handia bizi izan du bere sorreratik, eta, bereziki, azken urte hauetan». Lanbide Heziketak dituen abantailak goraipatu ditu Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ikasturte hasieraren harira Donostiako Easo Politeknikoa ikastetxera egin duten bisitan, eta «prestigioa» irabazi duela nabarmendu du. Ondorioz, gero eta ikasle gehiagok jotzen dute ikasketa horietara. Behin behineko datuak eskuan —urriaren 13an amaituko da matrikulazioa—, aurreko ikasturtean baino %5,3 ikasle gehiagok aukeratu dituzte ikasketa horiek. Urkullurekin batera, Easo Politeknikoan izan dira Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua eta Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordea. Zenbait gela eta tailer bisitatu ostean, Urkuluk hartu du hitza. Lanbide Heziketaren inguruko hainbat datu emateko probestu du saioa. Hasteko, argazki orokorra egin du: 2023-2024ko ikasturtean, 49.200 ikaslek ikasiko dute Lanbide Heziketa —ez da behin betiko datua—, pasa den ikasturtean baino %5,3 gehiagok. Lehenengo mailako ikasleei soilik erreparatuta, igoera %9,1ekoa da. Etengabe hazteko joera erakusten ari dira: duela zortzi urtetik %30,1 igo da eskaria. Datu orokorretatik harago, xehetasunetara ere jo dute. 49.000 ikasle horietatik %65 gizonak dira eta %35 emakumeak. Aldea dago sektore batetik bestera: osasunean eta arlo soziosanitarioan, %77,8 emakumeak dira; aldiz, industria arloan, %12. Halere, azaldu duenez, azken urteetan %34,6 hazi da emakumeen matrikulazioa azken sektore horretan. Hizkuntzari dagokionean, %52,7k B eta D ereduetan ikasiko dute, aurreko ikasturtean baino %7,3 gehiagok; aldiz, %47,3 gazteleraz arituko dira, A ereduan. Ez dago modurik jakiteko euskara hutsezko D ereduan zenbat ikaslek ikasiko duten, ez dituztelako datuak banatuta eman. Eta ikasketa ereduari erreparatuta, pisua irabazten ari da modalitate duala. Hau da, ikasleek ordu batzuk eskolan pasatzen dituzte, eta beste batzuk, enpresa batean. Aurten, ikasleen %40,3 arituko dira modalitate horretan. Emaitzak agerian Azken urteetan Lanbide Heziketan egiten ari diren lana fruitua ematen ari da. Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan ikasketa horien enpleagagarritasuna %89koa da batez beste, eta ziklo «askotan» %100era iristen dira. Unibertsitatearekiko lotura ere ari dira bultzatzen: «Lanbide Heziketaren eta unibertsitate graduen arteko konbinazioa sustatzen jarraitzen da». Azaldu dutenez, goi mailako 75 heziketa ziklok unibertsitateko 59 gradutarako «lotura bideak» eskaintzen dituzte. Lotura horien bidez, ikasketak dituztenei unibertsitateko kredituak aitortzen dituzte.
2023-9-16
https://www.berria.eus/albisteak/232812/euskara-kulturen-arteko-korapiloak-askatzeko.htm
Gizartea
Euskara: kulturen arteko korapiloak askatzeko
UEMAk hamahiru udalerritara hedatu du hezkuntzaren esparruan kulturartekotasuna sustatzea, baina, era berean, euskarazko eremuak mantentzea eta elikatzea helburu duen egitasmoa. Markina-Xemeinen eta Azpeitian herriko beste esparru batzuetara ere zabaltzen ari dira egitasmoa.
Euskara: kulturen arteko korapiloak askatzeko. UEMAk hamahiru udalerritara hedatu du hezkuntzaren esparruan kulturartekotasuna sustatzea, baina, era berean, euskarazko eremuak mantentzea eta elikatzea helburu duen egitasmoa. Markina-Xemeinen eta Azpeitian herriko beste esparru batzuetara ere zabaltzen ari dira egitasmoa.
Nola kudeatu kulturartekotasuna euskarazko eremuak mantenduta? Nola komunikatu eskolan guraso euskaldun eta ez-euskaldunen artean euskara bazterrean utzi gabe? Azken finean: nola aurre egin eskola eremu euskaldun bat mantendu, baina, era berean, kulturen arteko elkarbizitza sustatzeko erronkari? Korapilo hori askatu nahian jarri du martxan UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak kulturartekotasuna eta euskara uztartzen dituen egitasmoa. Hizkuntzaren erabilera eta kontzientziazioa bilatu nahi du programak, eta, era berean, kultura eta hizkuntza desberdinak dauzkaten herritarren parte hartzea sustatu. Huhezi Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearekin elkarlanean egin du ekimena UEMAk,eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin zabaldu. Zaldibian jarri zuten martxan, 2021-2022 ikasturtean. Aizarnazabalen, Ibarran, Leitzan (Nafarroa) eta Ondarroan (Bizkaia) ere egin zuten proba iaz, eta, ikasturte honetan, berriz, Alegia, Arbizu (Nafarroa), Areatza (Bizkaia), Asteasu, Azpeitia, Bera (Nafarroa), Itsasondo, Legorreta, Lizartza, Markina-Xemein (Bizkaia), Mutriku, Oñati eta Orion landuko dute. “Argi daukagu atzerapausorik ezin dugula eman euskararen erabileran, baina, aldi berean, ezinbestekoa da beste herrialde batzuetatik datozen familia berriekin komunikazioa bermatzea eta kultura ezberdinetako jendearen arteko harremanak eraikitzea”. Horrela azaldu du ekimena abiatzeko arrazoia Maialen Zuazo UEMAko kide eta egitasmoaren arduradunak. Hark esan duenez, azken urteetan “errepikatzen diren gatazka batzuk” identifikatu dituzte gai horren bueltan: “Geroz eta gehiago dira jatorri atzerritarreko gurasoak dauzkaten familiak, eta ikusi genuen arazoak sortzen ari zirela eskoletan hizkuntza kudeaketari edo guraso horien parte hartzeari dagokionez”. UEMAk Azpeitian aurkeztu zuen egitasmoaren hedapena, irailaren 6an, eta, han azaldu zutenez, euskaraz bizitzeko eskubidea bermatzeaz gain, euskaraz ez dakiten gurasoen ulermena eta parte hartzea bermatu nahi dute, haien seme-alaben integrazioa helburu hartuta. Euskaraz dakiten eta ez dakiten gurasoen artean harremanak sendotzea da proiektuarekin lortu nahi duten beste mugarrietako bat, eta, era berean, atzerritar jatorriko familien hizkuntzak kontuan izatea. Malgutasuna Dena den, arduradunek azpimarratu dute herri bakoitzean egoera ezberdina dela, eta, beraz, horren arabera egokitu beharko dutela proiektua zentro bakoitzean eraginkorra izan dadin, baina beti ere “marko teoriko bera” oinarri hartuta: “Denok ados egon behar dugu oinarri filosofiko batekin. Problematizazioan bat egiten badugu, gero errazagoa izango da horri irtenbide bat ematea”, dio Zuazok. Gurasoen artean ere “oinarrizko ideiak” eta “espazioak” partekatuta, hainbat baliabide sortu dituztela ere azaldu du: “Izugarrizko aldaketak ikusi ditugu gurasoen arteko harremanetan. Herri askotan, egitasmoa sortu aurretik, ez zegoen apenas harremanik guraso batzuen eta besteen artean. Are gehiago, ez zituzten herriko espazioak partekatzen”. Komunikaziorako tresna diferenteak sortu dituzte udalerri bakoitzean, baina horietako batzuen adibideak eman ditu Zuazok. Esaterako, gurasoen artean egiten diren bileretan aldibereko itzulpena modu errazean egiten dute orain, aplikazio baten bidez. Whats App aplikazioko taldeak egin beharrean, Telegram aplikazioa erabiltzea izan da beste konponbideetako bat: “Telegramek euskara hutsean idatzitako edozein testu bakoitzak bere hizkuntzara oso modu errazean itzultzeko aukera ematen du”. Hala ere, azpimarratu du baliabide horiek “tresnak” besterik ez direla, eta “prozesua bera” dela garrantzitsuena benetako aldaketak ematerako orduan. Prozesua abiatzeko, eskola bakoitzean talde eragile bat sortu dute: proiektua prestatu eta bideratzeaz arduratzen da. Zuzendaritzako kide batek, irakasleen ordezkari batek, udaleko kide batek, UEMAko teknikariak eta guraso batzuek osatu ohi dute taldea. Horrekin lotuta, Zuazok nabarmendu du kulturartekotasuna ardatz duen egitasmoa izaki, ezinbestekoa izan dela “jatorri atzerritarreko gurasoen parte hartzea” bermatzea, eta ez soilik parte hartzaile gisa, baita proiektua garatzeko prozesuan ere: “Haien ikuspuntua zein zen jakin nahi genuen, hizkuntzaren kudeaketa hori nola bizi duten jakitea. Oso emankorrak izan dira egindako bilerak esperientzia horiek partekatzeko”. Guraso batzuek euskaraz dakite, eta beste batzuek, ez. Hori, ordea, ez da izan parte hartzea bermatzeko oztopo: “Talde eragileko bilera luze asko xuxurlariekin egin behar izan ditugu, baina, hala ere, ezinbestekoa iruditzen zaigu haiek hor egotea”. Arrazakeriarekin lotutako problematikak ere identifikatu dituzte prozesuan zehar, eta horiei erantzuten ikasteko “lanean” dabiltzala baieztatu du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kideak: “Esaterako, Zaldibian egindako prozesutik irtendako irakaspenetako bat izan zen jatorri atzerritarreko gurasoak dauzkan ume bat herrian euskaraz bizi arren, jendeak gaztelaniaz hitz egiten diola bere azal koloreagatik”. Besteak beste, iragarri du kanpaina bat sortzen dabiltzala mota horretako arazoen inguruan. “Bidea egiten” Zuazok nabarmendu du ez dela proiektu “erraza”: “Desadostasunak eta mesfidantzazko egoerak sortzen dira, oso gai delikatuak lantzen direlako”. Baina, hain zuzen, deritzo horregatik proiektua “beharrezkoa” dela: “Erantzun bat behar zuen errealitate berri baten aurrean ikusi genuen geure burua, eta pixkanaka ari gara bidea egiten, gauza berriak frogatuta”. Orain arte ezarritako herrietan “harrera oso ona” izan duela adierazi du Zuazok, eta orain, hezkuntzatik harago doazen esparruetara zabaltzeko asmoa ere erakutsi du UEMAk. Arduradunak adierazi duenez, “modu natural batean” hasi da proiektua zabaltzen: “Hasieran, eskoletan jarri genuen fokua, ikusi genuelako premia handiena bertan zegoela, baina badakigu hezkuntza zentroak direla herriko edo gizarteko errealitatearen isla, eskoletan egon daitezkeen gatazka edo egonezinak herri mailan ere errepikatzen direla normalean”. Hori kontuan izanda, eskoletan landutakoek jarraipena izan dute udalean zein herriko eragile eta elkarteetan, eta horietan ere zenbait lanketa eta aldaketa egiten hasiak dira. Bide horretatik, Azpeitian eta Markina-Xemeinen hezkuntza komunitate osoa bilduko duen proiektu pilotu bat jarri dute martxan UEMAk eta Huhezik. Herriko eskola guztiak ari dira egitasmoan parte hartzen, baita herriko hainbat eragile ere. “Horiek denak, aldi berean eta hasieratik, gainera. Beraz, beste dimentsio bat hartu duen proiektu bat litzateke”, dio Zuazok.
2023-9-15
https://www.berria.eus/albisteak/232813/ehnek-ardien-sektoreko-esne-enpresak-salatuko-ditu.htm
Ekonomia
EHNEk ardien sektoreko esne enpresak salatuko ditu
Elikagaien katearen legea behin eta berriz urratzen dute enpresek, sindikatuaren arabera. Ardi esnearen litroaren kostaprezioa baino 30 zentimo merkeago saltzen dute esnea, gutxienez.
EHNEk ardien sektoreko esne enpresak salatuko ditu. Elikagaien katearen legea behin eta berriz urratzen dute enpresek, sindikatuaren arabera. Ardi esnearen litroaren kostaprezioa baino 30 zentimo merkeago saltzen dute esnea, gutxienez.
Legea bete dadila besterik ez dute eskatzen artzainek. Eguerdi honetarako, EHNE sindikatuak elkarretaratzera deitu du Abaltzisketan (Gipuzkoa), ekoizleek saltzen duten esnearen prezioak beren kostuak estaltzeko adinakoa izan behar duela esateko. Azken finean, prezio «justuak» besterik ez dituzte eskatzen. Hori da elikagaien katearen legeak ezartzen duena: katebegi bakoitzean lehengaiak ekoizpen prezioen azpitik saltzea eragoztea. EHNEk ohartarazi du hori betetzen ez duten kontratuak «badaudela», eta dagozkion neurriak hartuko dituela: ardien sektoreko esne enpresak salatuko ditu. Espainiako Gobernuko Elikagaien Informaziorako eta Kontrolerako Agentziari aurkeztuko dizkie horiek. Bien bitartean, EHNEk zehaztu du batez beste 1,20-1,30 euro ordaintzen zaiela artzainei. Sindikatuak argi utzi du egoera hori «jasanezina» dela, eta «galtzeko zorian egon daiteken sektore bat» bihurtu daitekeela artzaintzarena. Iaz, Eusko Jaurlaritzak behatokia sortu zuen kate osoaren kostuak aztertzeko, ekoizle eta banatzaileen artean artekari gisa: Elikaduraren eta Egurraren Balio Katearen Euskadiko Behatokia. Haren txosten baten arabera, 2021etik 2022ko irailera arte, %20 emendatu da esne litroaren kostaprezioa, 1,627 euroraino; 2020tik, %31 igo da. Horiek horrela, artzainek ardi esnearen kostaprezioa baino 30 zentimo gutxiagoan saltzen dute litro bakoitza, gutxienez. Bi urte horietako igoera esanguratsua, gehienbat, abereen elikadura eta energia gastuek eragin dute. Esnearen kostaprezioa kalkulatzerako orduan, behatokiak kontuan hartzen du eskulana ere, bai soldatapekoa, bai soldatarik gabekoa. Bi hilabete eskas falta dira esnetarako ardien kanpaina hasteko Gipuzkoan; gero, Euskal Herrira zabalduko da. Sindikatuaren arabera, artzainek garai honetan jasotzen dituzte esnea saltzeko eskaintzak. Legearen arabera, kontratu berriak negoziazioak hasi eta hiru hilabetean itxi behar dira; berritzen direnean, gehienez bi hilabeteko epea dute hala egiteko aurreko kontratua iraungitzen denetik. Dena dela, legearen oinarrietako bat da betetzen ez dutena: kostaprezioa ez betetzea. «Irregulartasun horiek behin eta berriz» jakinarazi dizkie EHNEk sektoreko enpresa erosleei; egoera ez da aldatu legea 2021aren amaieran onartu zutenetik hona.
2023-9-16
https://www.berria.eus/albisteak/232814/gotorleku-baten-argiak-eta-itzalak.htm
Kultura
Gotorleku baten argiak eta itzalak
Iruñeko Baluarte auditoriumak hogei urte bete ditu. 2003. urteko urrian inauguratu zutenean, UPNko Miguel Sanz zen Nafarroako lehendakaria. Anitzek kezka zuten benetako kulturgune bizia izanen ote zen. Urteotan izan duen garapenaz mintzatu dira kulturaren arloko zenbait kide.
Gotorleku baten argiak eta itzalak. Iruñeko Baluarte auditoriumak hogei urte bete ditu. 2003. urteko urrian inauguratu zutenean, UPNko Miguel Sanz zen Nafarroako lehendakaria. Anitzek kezka zuten benetako kulturgune bizia izanen ote zen. Urteotan izan duen garapenaz mintzatu dira kulturaren arloko zenbait kide.
Duela hogei urte, BERRIA egunkariko Artea balu… izenburuko testuak Baluarte Iruñeko kultur zentro berriari buruz anitzek zituzten kezkak jaso zituen. Kezka horiek agertu zituztenek ez zuten garbi auditoriuma benetako kulturgune bizia izanen ote zen. UPNko Miguel Sanz zen orduko Nafarroako Gobernuko lehendakaria. Maria Bayo sopranoak eta Iñaki Fresan baritonoak eman zuten inaugurazioko kontzertua, 2003ko urriaren 30ean. Baluarten izan zen egun hartan Elena Borboikoa, Nafarroako Gobernuak gonbidatuta. Auditoriuma da Baluarte, bai eta kongresuen jauregia ere. L itxurako 63.000 metro koadroko eraikin bat da, Patxi Mangado arkitektoak diseinatua. Hogei urteotan, Baluartek 6,7 milioi pertsona hartu ditu, eta 7.000 ekinaldi antolatu. Haietako 3.500 baino gehiago izan dira kultur jarduerak. Egungo Baluarte ez da 2003. urtean inauguratu zutena. 2003ko BERRIA egunkariko artikuluak urte hartako Baluarteko azaroko eta abenduko programazioaren berri eman zuen: “Musika klasikoa, dantza klasikoa, antzerki klasikoa eta folklore pixka bat”. NAK musika garaikidearen jaialdiaren egoitzetako bat da Baluarte, egun; zinema dokumentalaren Ikuspuntu jaialdiak ere Iruñeko auditoriumean aurkitu du bere tokia. Izan da garapen nabarmen bat, baina, oraindik ere, argiak eta itzalak dituen espazio bat da zentroa. Itzal nagusietako bat da eraikina bera; zehazki erranda, haren kokapena. Blanca Oriak eta Arantza Santestebanek hori nabarmendu dute. Zinemagilea eta arte komisarioa da Oria, eta 1980ko hamarkadatik ari da kulturaren esparruan. Kultur kudeatzailea eta zinemagilea da Santesteban. Biek azpimarratu dute Baluartek Ziudadelari “bizkarra” ematen diola, eta alderantziz izan beharko lukeela. “Eraikinaren diseinuarekin galdu da Baluarteren eta Ziudadelaren arteko elkarrizketa sustatzeko aukera”, erran du Oriak. “Baluarteko ate nagusiak bizkarra ematen dio Ziudadelari; ematen du Ziudadela dela harresi bat eta Baluarte beste bat. Alderantziz balitz, errazagoa litzateke jendea batetik bestera joatea”, erantsi du Santestebanek. “Ikuskizunak” hartzeko Baluarte “ikuskizunak” hartzeko eraiki zutela uste du Santestebanek. Horrelako zentro bat behar dela garbi du, baina uste du hiriko arte adierazpenek eta sormen prozesuek ere izan beharko luketela toki bat auditorium horretan. Ikuspuntu jaialdiak lortu du, eta hori eskertu du kudeatzaileak; zehaztu du, halere, jaialdiak bere aurrekontuaren zati bat baliatu behar izaten duela Baluarteko aretoak egokitzeko, filmak eman ahal izateko. Oriak atzera egin du so, eta Nafarroako Jaialdiekin lotu du Baluarteren bidea. Erriberrin sortu zen ekinaldi hori, 1981ean. Izena eta egoitza aldatu zituzten gero. 2004an, Baluarten egin zituzten urte hartako jaialdiak. “2003an, 50.000 ikusle baino gehiago izan zituen jaialdiak; garai hartan, bazen gisa horretako ekinaldi bat hartuko zuen zentro baten beharra eta nahia”, oroitu du Oriak. 2004ko jaialdiak izan ziren, ordea, Baluarten egindako bakarrak. “Hurrengo urtean, Nafarroako Gobernuak bertan behera utzi zuen ekinaldi hura, hainbertze eskatutako egoitza lortu eta gero. Hagitz tristea izan zen”. Eraikinari buruz, Oriak eta Santestebanek agertu dituzten kezkak ditu Oier Zuñiga aktoreak ere. Onartu du Baluarteren gisako espazio bat behar zela Iruñean, baina mugatzat jo du eraikinaren “hoztasuna”. Baluarteren inguruko hasierako kezkei buruz —eskaintza klasikoegia edo kontserbadorea eginen ote zuen beldur zirenen kezka—, “Iruñea, jendartea eta Baluarte bera aldatu” direla erran du Zuñigak: “Azken urteotan uste dut egin dela ahalegin bat bestelako proposamenak ekartzeko, proposamen garaikideak erakusteko”. Antzerkia eta dantza, bazter Musikari toki bat egin diola nabarmendu du Zuñigak; “batez ere, orkestrei eta musika klasikoari”. Ontzat jo du gisa horretako ekinaldietara joan ahal izateko Baluartek ematen duen aukera, baina nabarmendu du antzerkia eta dantza “bazter” gelditu direla. Diziplina horiek ere tokia behar dutela erantsi du. “Antzerkiak eta dantzak behar dute euren espazioa; dantza garaikidearen esparruan, adibidez, profesional onak ditugu esparru horretan bide bat egiten”. Baluarte, erakusteko ez ezik, sortzeko toki bat ere izan zitekeela gaineratu du. Auditoriumak euskal kulturaren presentzia indartzeko ere lan egin beharko lukeela uste du Zuñigak. Eta ados da Arantza Santesteban ere. “Euskarak toki eskasa du egun”, erran du. “Euskaldunok ere badugu gisa horretako azpiegituretan kultur eskaintza bat jasotzeko eskubidea. Halako espazio handiek aitortza bat eskaintzen dute, eta euskal sortzaileok eta ikusleok badugu eskubidea hor egoteko”, azpimarratu du Zuñigak. Hogei urteko bidea egin du Baluartek; bidean segitzeko, badu zer hausnartu. Oraingoa, ospatzeko garaia du. Irailaren 22an eginen dute 20. urteurreneko hurrengo ekinaldia: Nafarroako Orkestra Sinfonikoa eta Iruñeko Orfeoia ariko dira Baluarteko plazan, 20:00etan.
2023-9-15
https://www.berria.eus/albisteak/232815/uste-dut-bazter-utzi-ditugula-hasierako-mito-eta-topiko-guztiak.htm
«Uste dut bazter utzi ditugula hasierako mito eta topiko guztiak»
«Uste dut bazter utzi ditugula hasierako mito eta topiko guztiak».
Baluarteren hogeigarren urteurrena oroitzen duten hamaika kartel ikus daitezke Iruñeko auditoriumeko kanpoko aldean. Barruan ere, urteurrena ospatzeko ekinaldien inguruko xehetasunak dituzte mintzagai lantaldeko kide gehienek. Haietako bat da Paula Noya (Santiago de Compostela, 1979), NICDO-Baluarteko azpiegituren zuzendaria. Bi urte egin ditu kargu horretan. Nolakoak izan dira Baluarteren hogei urteok? Hagitz onak. Sei milioi pertsonak baino gehiagok egin dute bat Baluarterekin inauguratu zutenetik. Jende gehiago hartu dute biltzarrek eta gisakoek, kultur ekinaldiek baino. Bi esparruak nahiko orekatuta daude, baina, egia da biltzarrek eta gisakoek eragin dutela bisita gehien. 3,7 milioi pertsona inguruk hartu dute parte biltzarretan, eta hiru milioik kultur ekinaldietan. Kontua da biltzarren gisako jarduerek jende gehiago hartzeko gaitasuna dutela. Arlo horrek zer neurritan baldintzatzen du Baluarteren kultur jarduera? Biltzarrek ez dute kultur jarduera mugatzen. Bi esparruak uztartzeko aukera dugu. Malgutasuna badugu, lantalde on bati esker. Finean, bi esparru horien arteko bizikidetza da gure DNAren esentzia. Zer indargune dituzue? Gure indargune nagusiak dira eraikina bera eta lantaldea. Herritarrek, gainera, hagitz ongi hartzen dituzte gure jarduera guztiak. Herritarrek hasieratik egin diguten harrera eskertu bertzerik ezin dugu egin. Zeintzuk dira zuen ahulguneak? Beti falta da zerbait. Badugu zenbait esparrutan egungo errealitatera egokitzeko beharra. Zer esparrutan? Digitalizazioan sakontzeko beharra dugu, adibidez; guretzat hagitz garrantzitsua den bertze kontu bat da irisgarritasuna. Gizarteak aurrera egin du, eta egokitzeko beharra dugu arlo horretan ere. Orain arte gutxi erabiltzen genituen espazio batzuk erabiltzen hasi gara, eta horiek moldatzeko lanak egin ditugu; komunak gurpil aulkian mugitzen direnentzat egokitzeko, bertzeak bertze. Aulkia erabiltzen dutenekin eta bertze desgaitasunen bat dutenekin mintzatu zarete? Bai. Aretoetan, adibidez, gure helburuetako bat da aulkia behar dutenek nahi duten tokian jarri ahal izatea. Pertsona gorrentzat, berriz, tresna berri bat probatu behar dugu orain. Bizkar zorro moduko batzuk garatu dituzte pertsona gorrek musikaz gozatzeko. Probatzen dutenek tresna on bat dela erraten badigute, gure ekinaldietan eskaintzen hasiko gara. Duela hogei urte hasi zen zuen bidea. Orduan, batzuek kezka agertu zuten, zuen kultur eskaintza klasikoegia izanen ote zen beldur baitziren. Oker ziren? Egia da batzuek hori uste zutela; elitistatzat jo izan dute gure kultur eskaintza ere. Nik uste dut hori gertatu dela musika klasikoa topiko horiekin lotu izan delako. Baluarteren gisako azpiegitura handiek halako kezkak pizten ohi dituzte, baina uste dut gure lanak erakutsi duela gure eskaintzak hagitz harrera ona izan duela herritarren artean. Gazteak erakartzeko gai izan gara, eta uste dut bazter utzi ditugula hasierako mito eta topiko horiek guztiak. Bide berriak probatzeko prest zarete? Bai. Gu prest gaude, eta Baluarten programatzen duten bertze erakundeak ere bai. NAK jaialdia hartu berri dugu, musika eraman dugu eraikineko terrazara, Ikuspuntu jaialdia hartzen dugu… Gero eta gehiago ari gara bide horietan urratsak egiten. Baduzue harremana inguruko zuen gisako bertze zentroekin? Bai; lan handia egiten da bertze hainbat hiritako zentroekin. Donostiako Kursaalekin edo Bilboko Euskaldunarekin, adibidez, harreman ona dugu, benetako elkarlana. Orain, mugaz bertzaldera ere egin nahi dugu so, eta mugaz bertzaldeko hiriekin lan egin. Nafarroako bertze kultur etxe edo auditoriumekin nolakoa da harremana? Gure asmoa beti izan da herrialdeko kultur eskaintza handitzea, eta harreman ona dugu bertzeekin; ez dugu bertze zentroen jarduera oztopatu nahi. Antzerkiaren esparruan, adibidez, Gaiarre da, oraindik ere, erreferentzia nagusia. Euskara zer neurritan hartzen duzue kontuan? Arlo horretan ere egin dugu aurrera, eta uste dut ematen diogula duen garrantzia. Gure eskaintzan badu bere pisua. Azaroan, adibidez, Benito Lertxundi izanen da Baluarten. Anari ere egon da aurten.
2023-9-15
https://www.berria.eus/albisteak/232816/tramiterako-onartu-dute-esk-k-anbulantzien-auzia-dela-eta-aurkeztutako-salaketa.htm
Gizartea
Tramiterako onartu dute ESK-k anbulantzien auzia dela-eta aurkeztutako salaketa
Ustezko prebarikazioagatik eta diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik salaketa jarri zuen sindikatuak, uztailean.
Tramiterako onartu dute ESK-k anbulantzien auzia dela-eta aurkeztutako salaketa. Ustezko prebarikazioagatik eta diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik salaketa jarri zuen sindikatuak, uztailean.
Joan den uztailaren 20an, ESK sindikatuak salaketa aurkeztu zuen Arabako Fiskaltzaren aurrean Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko kontrataziorako aseguramenduko zuzendari Frumencio Molineroren eta anbulantzia kudeatzen dituen La Pau enpresako lehendakari Vicenc Chicharroren aurka, ustez prebarikazioa eta diru publikoaren erabilera bidegabea egiteagatik. Arabako eta Bizkaiko osasun garraioa kudeatzen du enpresa pribatu horrek, eta sindikatuak «etengabeko irregulartasunak» egitea egotzi zion: besteak beste, pleguak, lan arriskuen prebentzioa eta lan harremanen eta langileen oinarrizko eskubideak ez betetzea. Bada, fiskaltzak tramiterako onartu du ESKren salaketa. Sindikatuko bozeramaile Patxi Nicolau eta anbulantzietako langile batzordeko kide Javier Acuñak agerraldia egin dute gaur Gasteizen auzitegiaren erabakiaren berri emateko. Salaketak tramiterako onartu izana «positiboa» dela esan dute, eta espero dute enpresaren «praktika zitalak» argitara ateratzeko balio izatea. ESK-k behin baino gehiagotan salatu ditu Lan Ikuskaritzaren aurrean anbulantziak kudeatzen dituen enpresaren arau hausteak: besteak beste, norbera babesteko ekipamendurik eskura ez jartzea, lan araudia ez betetzea, Gizarte Segurantzan iruzurrak egitea edo IAT ibilgailuen azterketa teknikoa gainditu gabeko ibilgailuak izatea leporatu dio. Salaketa horien ondorioz, Lan Ikuskaritzak 100.000 eurorainoko isuna jarri dio La Pau enpresari. Nicolauk jakinarazi duenez, gertakari horien guztien berri eman dio ESK-k Eusko Jaurlaritzari, baina hark ez du inolako neurririk hartu. Are: Jaurlaritzak beste hiru urtez esleitu dio enpresari Arabako premiazko osasun garraioaren kudeaketa, eta Bizkaikoa ere enpresa horren esku utzi du. «Guztira, datozen hiru urteetan 136 milioi euro poltsikoratuko ditu La Pauk», sindikatuko kideak salatu duenez. ESK-ko ordezkariak uste du enpresak «arriskuan» jartzen dituela langileen eta herritarren osasuna, eta Jaurlaritzak ahalmena duela kontratua eteteko, baldin eta enpresak gutxieneko baldintzak batzuk betetzen ez baditu: adibidez, langileen lan osasuna. «Ordea, neurririk ez du hartu nahi, negozio hobia delako», kritikatu du Nicolauk. Larrialdi zerbitzuen pribatizazio prozesuarekin lotu du sindikatuak anbulantzien afera.
2023-9-15
https://www.berria.eus/albisteak/232817/osasungintza-sektorearen-aldeko-apustua-indartuko-du-mondragonek.htm
Ekonomia
Osasungintza sektorearen aldeko apustua indartuko du Mondragonek
Mondragon Health dinamika berrabiaraziko du, osasunaren eta bioteknologiaren alorrean erreferentzialtasuna lortzeko helburuarekin.
Osasungintza sektorearen aldeko apustua indartuko du Mondragonek. Mondragon Health dinamika berrabiaraziko du, osasunaren eta bioteknologiaren alorrean erreferentzialtasuna lortzeko helburuarekin.
Pandemiaren gordinenean, gizartearen eta ekonomiaren beharrak goitik behera aldetu zirenean, Mondragon korporazioa gai izan zen horiei erantzun bat emateko. Izan ere, osasun arloko produktuak ekoizten eskarmentua zuen Bexen Medical kooperatibak, kutsadurarik gabeko gela zuriak egiten zituen Cikautxok, eta maskarak ekoizteko makinak egiteko gaitasuna zuen Mondragon Assemblyk. Urte batzuk lehenago abiarazitako estrategiaren ondorio ziren horiek guztiak. Izurriak, baina, negozio aukerak areagotu ditu merkatuan, eta osasungintza alorraren aldeko apustua indartzea erabaki du Arrasateko kooperatiba taldeak orain. Mondragon Health dinamika berrabiaraziko du horretarako, sektorean erreferentziazko eragile izatea helburu gisa jarrita. Osasungintzako, eremu soziosanitarioko eta biotegknologiaren alorreko produktuen eta zerbitzuen eskaintza areagotu nahi du taldeak, gaur egungo negozio bideak abiapuntu hartuta. Hala adierazi du Mondragon taldeko lehendakari Iñigo Uzinek Donostiako Aquariumean egindako ekitaldian: «Beste bultzada bat eman nahi diogu estrategiari. Negozio aukera asko ikusten ditugu, eta gaitasuna badaukagu horri aurre egiteko». Mondragonek 2009an sortu zuen Mondragon Health, kooperatiben arteko lankidetza estrategia. Gaur egun zazpi kooperatibek osatzen dute adar hori: Bexen Cardio, Bexen Medical, Bihar, Erreka Health, Fagor Healthcare, GSR eta Osarten. Enpresa horiek erabilera bakarreko ospitaletako osasun produktuak, sendagai hornitzaileak, desfibriladoreak, edota adinekoentzako eta mendekotasuna duten pertsonentzako arreta zerbitzuak eskaintzen dituzte, besteak beste. 119 milioi euro fakturatu zituzten iaz, eta 17.000 lagunei eman zieten lana. «Pandemiatik indartuta atera gara», aitortu du Hector Olabegogeaskoetxea Mondragon Healtheko zuzendariak. Izan ere, izurriaren ondorioz sortutako erronkak «aukera» bilakatu dira kooperatibentzat, eta horiek baliatu nahi dituzte enpresen salmentak handitzeko. «Industria arloan daukagun ezagutza baliatu nahi dugu estrategia indartzeko. Sektore konplexua da, baina erroak ongi botata ditugu». Hazkunde «organikoa» Ildo horretan, «hazkunde oraganiko bat» izatea espero dute arduradunek. Eta uste dute pixkanaka enpresa horiek sektorean duten presentzia eta bolumena ere handitzen joango dela. Gaur egun, Mondragon Healtheko enpresek ehun herrialdetan dituzte bezeroak; gehienak Espainian, baina baita Frantzian, Portugalen eta Italian ere. Indonesian ere «bezero garrantzitsuak» dituzte. Korporazioaren barruan ere gero eta pixu handiagoa hartuko duela uste dute. «Industria adarreko fakturazioaren ehuneko txiki bat suposatzen du oraindik, baina kualitatiboki duen balioa oso handia da», adierazi du Uzinek. «Etorkizun oparoa dauka». Adar horrek iaz 4.800 milioi euroko salmentak izan zituen iaz, eta aurten 5.000 milioiren langa gaindituko duela espero da. Olabegogeaskoetxeak adierazi duenez, «hazten jarraitzea» eta «dibertsifikatzea» dira Mondragon Healthen «apustuak». Eta, horretarako, epe luzerako planifikazioa eta lankidetza dituzte ardatz, hala korporazioko kooperatibekin nola kanpoko beste enpresa batzuekin. «Gero eta enpresa gehiagok sinesten dute gugan: hori da arrakasta».
2023-9-15
https://www.berria.eus/albisteak/232818/200-metroko-urruntze-agindua-ezarri-diote-rubialesi.htm
Kirola
200 metroko urruntze agindua ezarri diote Rubialesi
Espainiako Futbol Federazioko presidente ohiak Auzitegi Nazionalean deklaratu du, eta leporatutako bi delituak ukatu ditu. Jokalariarekin harremanetan jartzea ere debekatu diote, baina ez du hamabostean behin epaitegira joan beharko.
200 metroko urruntze agindua ezarri diote Rubialesi. Espainiako Futbol Federazioko presidente ohiak Auzitegi Nazionalean deklaratu du, eta leporatutako bi delituak ukatu ditu. Jokalariarekin harremanetan jartzea ere debekatu diote, baina ez du hamabostean behin epaitegira joan beharko.
Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioko presidente ohiak Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu du gaur, Munduko Futbol Koparen finalean Jennifer Hermoso jokalariari eman zion muxuaren aferan. Inputatuta deklaratu du, baina Rubialesek leporatzen dizkioten bi delituak ukatu ditu. Esan du jokalariaren onespena zuela muxu emateko, eta ez zuela Hermoso edo haren inguruko inor presionatu bere alde egiteko. Auzitegi Nazionalean dago auzia, Espainiaren mugetatik kanpo gertatu zelako, Sidney-n. Bi delitu leporatzen dizkio Fiskaltzak: sexu eraso abusua eta derrigortze delitua. Hitzordua baino ordubete lehenago iritsi da Rubiales auzitegira, Olga Tubau abokatuarekin batera. Parte guztien galderei erantzun die. Ez sartzean ezta ateratzean, ordea, ez die kazetariei adierazpenik egin nahi izan. Ikusmin handia piztu du deklarazioak. Ikusi gehiago: Analisia. Olatz Artola Apeztegia: 'Zenbat Rubiales' Deklarazioa amaitzean, Fiskaltzak badaezpadako bi neurri hartzeko eskatu dio epaileari. Rubiales Hermosorengandik gutxienez 500 metrora urruntzeko agindua, eta auzia amaitu bitartean harekin harremanetan jartzeko debekua. Gainera, hamabostean behin epaitegira joan beharko du sinatzera. Epaileak, ordea, eskaera horiek arindu egin ditu: Hermosogandik 200 metrora urruntzeko agindua ezarri dio. Jokalariarekin harremanetan jartzeko debekua bai, onartu du epaileak, baina ez hamabostean behin epaitegian bere burua aurkeztu behar izatea.
2023-9-15
https://www.berria.eus/albisteak/232819/interes-tasa-handiak-oztopo-bihurtu-dira-kutxabankentzat.htm
Ekonomia
Interes tasa handiak oztopo bihurtu dira Kutxabankentzat
Berankortasunean ez du sumatu eraginik, baina kreditu eskaerak uzkurtu direla onartu du. Lotura gordailuen interesa %3ko igo du.
Interes tasa handiak oztopo bihurtu dira Kutxabankentzat. Berankortasunean ez du sumatu eraginik, baina kreditu eskaerak uzkurtu direla onartu du. Lotura gordailuen interesa %3ko igo du.
EBZk %4,5eraino igo zituen interes tasak atzo, eta dagoeneko bankuentzat ere arazo bihurtu dira. Haien zenbakiak izugarri puztu dituen neurria izan arren, kreditu eskaera berriei kalte egiten dietela sumatu dute. Hala onartu du behintzat Eduardo Ruiz de Gordejuela Kutxabankeko kontseilari ordezkari berriak: «Kreditu jarduna uzkurtzen ari da tasei erruz. Jardun ekonomikoa moteldu daiteke, eta hori ez da ona. Beherago egoteak mesede egingo liguke». Era berean, momentuz behintzat, berankortasun tasan —%1,38koa da— ez dutela sumatu esan du, «enpleguak eutsi egiten diolako». Bilboko Merkataritza Ganberan emaniko hitzaldia eman ditu azalpenak, eta onartu du azken igoera izatea espero duela, «familiek atseden finantzarioa har dezaten». Tasa altuen eskutik, gordailuen interesa hobetzeko eskatu diete erakunde publikoek bankuei. Ruiz de Gordejuelak zehaztu du Kutxabankek politika bezeroei neurrira eginiko aurrezki produktu pertsonalizatuak eskaintzea dela: gordailuak, inbertsio funtsak... Gordailuen eraginkortasuna interes zifren bitartez neurtzen da baina, eta kazetariek estututa, eman du: «Lotura gordailuetan baldintza jakin batzuk betez gero, %3 eskaintzera iritsi gaitezke egun». Aste batzuk dira zifra horretan dabiltzala. Aldiz, ez du ezer aipatu komisio edo antzekoak jaistearen inguruan. Enpresak eta Espainia Hitzaldiaren muina Kutxabanken etorkizuneko erronkak ziren, eta zentzu horretan sei aipatu ditu: enpresentzako zerbitzuak, kontsumoa finantzatzeko produktuak, aseguruak, trantsizio energetikoa eta banka pribatua zein inbertsioetakoa. Azken horien harira, zehaztu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako BPGaren %13ak eta enpresen %50ak harreman zuzena dutela Kutxabankekin: «Enpresa askotan, baina, ez da gara lehen bankua, eta hor pauso bat eman nahi dugu». Kutxabankek une gozoa bizi du. Aurtengo lehen seihilekoan %53 gehiago irabazi du, baina are gehiago non hazi baduela argi du. batetik enpresak dira helburua, eta bestetik Espainian eta Katalunian haztean. «Merkatu interesgarri asko daude, Madril, Bartzelona, Malaga... Hor bagaude, baina presentzia handitu nahi dugu». Egun kreditu inbertsioaren %60 Euskal Herritik kanpo du, eta Espainiako kuota hipotekario berriaren %10 lortzetik gertu dago. Bankuaren hobekuntza tartearekin jarraituz, «ospe txarra» aipatu du, eta bere ustez sektore osoari eragiten dion arazo bat da. «Jendeak iritzi negatiboa du gure inguruan. Pedagogia eta autokritika gehiago behar dugu hori sendatzeko», nabarmendu du. Gordejuelaren iritziz konponbidea «pertsonalizazio» handiago batean dago, eta esan du ez dagoela haren eta digitalizazioaren arteko talkarik. Halaber gehitu du Kutxabankek bere dibidenduen %60 fundazioei bideratzen dietela eta ez dutela arazorik izango batez besteko horri eusteko.
2023-9-15
https://www.berria.eus/albisteak/232820/anetoko-glaziarrak-ohi-baino-hiru-aldiz-izotz-gehiago-galdu-zuen-iaz.htm
Gizartea
Anetoko glaziarrak ohi baino hiru aldiz izotz gehiago galdu zuen iaz
Urte lehorrak eta uda oso beroak eragin zuen urtzea azkartzea. Pirinioetako glaziarrek azaleraren %80 galdu dute lau hamarkadetan. Eñaut Izagirre Estibaritzek hartu du parte ikerketan.
Anetoko glaziarrak ohi baino hiru aldiz izotz gehiago galdu zuen iaz. Urte lehorrak eta uda oso beroak eragin zuen urtzea azkartzea. Pirinioetako glaziarrek azaleraren %80 galdu dute lau hamarkadetan. Eñaut Izagirre Estibaritzek hartu du parte ikerketan.
Anetoko glaziarra Pirinioetako handiena da, konparazioz, ñimiñoa den arren. Horretan, klima larrialdia ez zaio batere laguntzen: urteen poderioz, gero eta azalera txikiagoa du. IPE Pirinioetako Ekologia Institutuak duela lau hamarkadatik gaurdainoko datuak bildu ditu, eta ondorio batera heldu da: azalera ia bi heren (%64,7) murriztu da 1981etik iaz arte. Bereziki 2022a izan da erreparo handiena eragin duena. Biziki beroa izan zen iazko uda, hainbeste, non Anetoko glaziarraren izotz galera hirukoiztu egin zen. The Cryosphere aldizkarian argitaratu dute ikerketa. Txikia, baina zenbateraino? Azken neurketen arabera, 48 hektareako azalera du Anetoko glaziar handienak —1981ean 135 hektarea ingurukoa zuen—. Ez hori soilik. Pirinioetako gainontzeko izotza ere aztertu dute, eta antzeko joera izan du. 80ko hamarkada aldean 810 hektarea hartzen zuten glaziar guztiek; 2020an, 232 hektarea; iaz, 170 besterik ez. Hau da, eremu glaziarra ia %80 murriztu da lau hamarkadetan. Lodierari ere erreparatu die ikerketan: izotzaren iazko lodiera 11,9 metrokoa zen, batez beste. Duela 40 urte, kalkulatu dute 30 metro baino lodiago zela. Azken denboraldia bereziki lazgarria izan zen, eta ondorio nahiko larriak ekarri ditu horrek Anetoko glaziarren iraunkortasunerako. Badira izotz lodiera oso txikiko tarteak, bi metrotik beherakoak. Horiek dira behin betiko urtzetik gertuen egongo liratekeenak. Berez, hark duen mehetze tasa metro batekoa da urteko. Hori, eguraldia aldeko izatekotan. 2021-2022 artekoa lehorra izan zen, eta uda, oso beroa. Horrek eragin zuen izotz galera hirukoiztu izana. «Glaziarraren egoera kritikoa» EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko irakasle Eñaut Izagirre Estibaritzek parte hartu du aipatutako ikerketan. Horren helburua zen eskura dauden datu guztiak bilduz glaziarraren azalerak 1981etik 2022ra berreraikitzea eta, hortaz, izandako bilakaera ezagutzea. Ikerlariek azaldu dutenez, azterketak agerian utzi du «glaziarraren egoera kritikoa»: laster batean glaziarra hiru zatitan banatzeko arriskua handia da, eta, gainera, 2021-2022 denboraldian izandako bolada bero eta lehorrak glaziarraren «degradazioa» ekarri zuen. «Horrek arrisku handia dakar Anetoko glaziarraren iraunkortasunerako, eta egoera hori Pirinioetako gainerako glaziarretara ere zabal liteke nahiko denbora laburrean», erantsi dute.
2023-9-15
https://www.berria.eus/albisteak/232822/anetoko-glaziarraren-azalera-647-murriztu-da-lau-hamarkadatan.htm
Gizartea
Anetoko glaziarraren azalera %64,7 murriztu da lau hamarkadatan
EHUko ikerlari batek parte hartu du Anetoko glaziarraren bilakaerari buruzko azterketa batean
Anetoko glaziarraren azalera %64,7 murriztu da lau hamarkadatan. EHUko ikerlari batek parte hartu du Anetoko glaziarraren bilakaerari buruzko azterketa batean
Aneto mendiko glaziarra (Huesca, Espainia) ez da oso handia, baina esangura berezia du Pirinioetako handiena delako, eta Europako hegoaldeko handiena ere. The Cryosphere aldizkariak glaziar horren inguruko ikerketa bat argitaratu du oraindik orain, eta datuak kezkagarriak dira: 1981etik 2022ra haren azalera %64,7 murriztu da, eta, gainera, izotz galera hirukoiztu egin zen 2022ko bero boladaren ondorioz. EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko irakasle Eñaut Izagirre Estibaritzek parte hartu du aipatutako ikerketan. Horren helburua zen eskura dauden datu guztiak bilduz glaziarraren azalerak 1981etik 2022ra berreraikitzea eta, hortaz, izandako bilakaera ezagutzea. Ikerlariek azaldu dutenez, azterketak agerian utzi du «glaziarraren egoera kritikoa»: laster batean glaziarra hiru zatitan banatzeko arriskua handia da, eta, gainera, 2021-2022 denboraldian izandako bolada bero eta lehorrak glaziarraren «degradazioa» ekarri zuen. «Horrek arrisku handia dakar Anetoko glaziarraren iraunkortasunerako, eta egoera hori Pirinioetako gainerako glaziarretara ere zabal liteke nahiko denbora laburrean», erantsi dute.
2023-9-15
https://www.berria.eus/albisteak/232823/gizon-baten-gorpua-agertu-da-donostiako-kontxako-hondartzan.htm
Gizartea
Gizon baten gorpua agertu da Donostiako Kontxako hondartzan
Ez du indarkeria zantzurik, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera. 41 urte ditu.
Gizon baten gorpua agertu da Donostiako Kontxako hondartzan. Ez du indarkeria zantzurik, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera. 41 urte ditu.
Gizon baten gorpua agertu da gaur goizean Donostiako Kontxako hondartzan. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, ez du indarkeria zantzurik. Donostiako Udalak esan du Irlandakoa dela gizona. Hondartza garbitzen ari zen pertsona batek aurkitu du gorpua, 08:00ak aldera. Hildakoaren bi lagun bertaratu dira hondartzara, eta gorpua identifikatu dute. Udaltzaingoak deklarazioa hartuko die bi lagun horiei, heriotza nola gertatu den jakiteko. Gorpua 10:45ak aldera eraman dute Auzitegi Medikuntzako Institutura, autopsia egin diezaioten.
2023-9-16
https://www.berria.eus/albisteak/232824/eaeko-langile-publikoak-grebara-deitu-dituzte-urriaren-25ean-eta-abenduaren-19an.htm
Gizartea
EAEko langile publikoak grebara deitu dituzte urriaren 25ean eta abenduaren 19an
ELA, LAB, CCOO, SATSE, Steilas eta ESK sindikatuek antolatu dituzte lanuzteak. Soldatak %10 igotzea eta behin-behinekotasuna %8ra jaistea dira aldarri nagusiak
EAEko langile publikoak grebara deitu dituzte urriaren 25ean eta abenduaren 19an. ELA, LAB, CCOO, SATSE, Steilas eta ESK sindikatuek antolatu dituzte lanuzteak. Soldatak %10 igotzea eta behin-behinekotasuna %8ra jaistea dira aldarri nagusiak
ELA, LAB, CCOO, SATSE, Steilas eta ESK sindikatuek iragarri dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sektore publikoan greba egingo dutela urriaren 25ean eta abenduaren 19an. Uste dute zerbitzu publikoek «okerrera» egin dutela azken urteotan eta horrek, ezinbestean, eragin zuzena izan duela herritarrei eskainitako arretan. Egoera hobetu ahal izateko, beste gauza batzuen artean, 2024rako soldaten %10 igotzea eta langileen behin-behinekotasuna %8ra jaistea eskatzen dute. «Asko dira hobetu nahi ditugun kontuak, eta horretarako neurri eraginkor eta errealak behar ditugu», azpimarratu du Irati Tobar LABeko Hezkuntza arduradunak. Orain arteko protesta gehienak arloka egin dituzten arren (hezkuntza eta osasun arloetan, esaterako), sindikatuek ez dute hitzarmenik berritzea lortu, eta borroka dinamika aldatzea erabaki dute. «Egoera zeharkakoa denez eta antzeko beharrak ditugunez, bat egitea erabaki dugu», berretsi du Igor Izagirre ELAko Funtzio Publikoko arduradunak. Orotara, 150.000 langilek egiten dute lan sektore publikoan eta grebara deitu dituzte guztiak. «Ez da momentuko erabakia izan, baizik eta azken urteetan pilatzen joan diren kontuei erantzuna». Emakume eta gizonen arteko soldata arrakalak, adibidez, %25ekoa izaten jarraitzen du. Horrez gain, «soldata publikoak eta enplegu publikoaren beharrak» Eusko Jaurlaritzaren esku egon beharko liratekeela uste dute. «Madrilek hartzen ditu erabakiak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sektore publikoaren inguruan, zergatik?», galdetu du Izagirrek. Jarraian eman du berak erantzuna: «Borondate politikoko kontua da; Gernikako Estatutuaren arabera, Eusko Jaurlaritzak du horretarako eskuduntza». Zerbitzu publikoak indartzea, enplegu publikoa sortu eta kontsolidatzea, lan baldintzak hobetzea eta galdutako erosahalmena berreskuratzea aurrekontuetan zehaztutako helburuak izan beharko liratekeela uste dute talde guztiek. Negoziazio mahaietan adostu ezin izan dituzten neurriak ere «behingoz» zehaztu nahi dituzte Jaurlaritzarekin. Hainbat aipatu dituzte agerraldian: azken bi urteetako erosahalmena berreskuratzeko soldata %10 igotzea; lanpostuak kontsolidatzea; behin-behinekotasuna %8ra jaistea; pribatizazioa amaitze; lanaldi partzialak erregulatzea; erretiro kontratuak bermatzea; lan kargak murriztea; euskararen ezagutza bermatuko duten formakuntzak emateko planak adostea; langileen osasun kudeaketa publikoa ahalbidetzea; berdintasunerako «benetako» urratsak ematea; 32 orduko lanaldia zehaztea eta bestelako lanaldi murrizketak bermatzea. Datu zehatzak Izan ere, sindikatuek emandako datuen arabera, %20 murriztu da azken bi urteotan langile publikoen erosahalmena. Soldaten igoera zuzenarekin, %10eko igoera lortu nahi dute sindikatuek; gainerakoa Jaurlaritzak zortzat hartzea eta etorkizunean berreskuratuko dutela ziurtatzea nahi dute. Bestalde, Zerbitzu publikoetako lan kontratuen %40 behin-behineko direla adierazi dute eta 100.000 langile azpikontratatu dituztela. Gizarte premiak «larritzen» ari diren heinean, ordea, bankuen irabaziak inoiz baino gehiago hazi dira sindikatuen arabera. Izagirrek berak eman ditu datu zehatzak: «2023ko diru bilketa izan da azken urteotako errekorra; gizarteak sortutako 10.000 milioi euro bankuetan gordeta daude». Diru hori soldatak igotzeko, euskarazko formakuntzak ahalbidetzeko edota emakume eta gizonen arteko soldata arrakala amaitzeko bidera zitekeela uste dute.
2023-9-15
https://www.berria.eus/albisteak/232825/fernando-botero-artista-kolonbiarra-hil-da.htm
Kultura
Fernando Botero artista kolonbiarra hil da
Pneumonia baten ondorioz zendu da, 91 urte zituela.
Fernando Botero artista kolonbiarra hil da. Pneumonia baten ondorioz zendu da, 91 urte zituela.
Margolaria, marrazkilaria eta eskultorea zen Fernando Botero (Medellin, 1932). Bere kabuz ikasi zuen ofizioa, eta 1952an Madrileko San Fernandoko Arte Ederren Akademian lizentziatu zenetik, bere estilo figuratiboa definituz joan zen pixkanaka. Korrontearen kontra, betiere. Gaur goizean hil da, pneumonia baten ondorioz, 91 urte zituela. 1948an ekin zion ibilbide profesionalari Boterok, El Colombiano egunkariko ilustratzaile gisa. Handik hiru urtera, Bogotara joan zen bizitzera, eta hantxe egin zuen bere aurreneko erakusketa. Ordutik, haren pinturak eta eskulturak mundu osoan egin ziren ezagun. Bolumena goresten zuen haren lanetan, naturaren sentsualitatea eta handitasuna goretsi nahian: margolaneko elementu guztiak ziren bolumen handikoak.
2023-9-15
https://www.berria.eus/albisteak/232826/lau-urteko-espetxe-zigorra-eskatu-dute-haur-jaioberri-bat-bahitu-zuen-emakumearentzat.htm
Gizartea
Lau urteko espetxe zigorra eskatu dute haur jaioberri bat bahitu zuen emakumearentzat
Maiatzaren 14an epaituko dute andrazkoa Bizkaiko Probintzia Auzitegian. Iazko urrian bahitu zuen jaioberria Basurtuko ospitaletik.
Lau urteko espetxe zigorra eskatu dute haur jaioberri bat bahitu zuen emakumearentzat. Maiatzaren 14an epaituko dute andrazkoa Bizkaiko Probintzia Auzitegian. Iazko urrian bahitu zuen jaioberria Basurtuko ospitaletik.
Fiskaltzak lau urteko espetxe zigorra eskatu du joan den urteko urrian Basurtuko erietxean (Bilbo) haur jaioberri bat bahitu zuen emakumearentzat. Legez kanpoko atxiloketa delitua leporatuta egin du zigor eskaera. Akusazio partikularra izango da jaioberriaren familia: zazpi urteko espetxe zigorra eskatu du. Maiatzaren 14an epaituko dute andrazkoa Bizkaiko Probintzia Auzitegian, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak gaur jakinarazi duenez. Iazko urriaren 19an, gauean, emakume bat Basurtuko ospitalean sartu zen osasun langile baten itxurak eginez. Ginekologia plantan sartu zen, eta haur bat eraman zuen. Hurrengo goizean agertu zen haurra, onik, emakumeak Santutxu auzoko atari batean utzi zuelako. Emakumea, handik gutxira atxilotu zuen Ertzaintzak, Zorrotza auzoan.
2023-9-15
https://www.berria.eus/albisteak/232827/ortuzar-eta-puigdemont-waterloon-batzartu-dira-egoera-politikoa-aztertzeko.htm
Politika
Ortuzar eta Puigdemont Waterloon batzartu dira egoera politikoa aztertzeko
Estreinakoz elkartu dira EAJko presidentea eta erbestean dagoen Generalitateko presidenta, Pedro Sanchezen inbestidura saioaren negoziazioak martxan direla. Bi ordu eta erdiz aritu dira.
Ortuzar eta Puigdemont Waterloon batzartu dira egoera politikoa aztertzeko. Estreinakoz elkartu dira EAJko presidentea eta erbestean dagoen Generalitateko presidenta, Pedro Sanchezen inbestidura saioaren negoziazioak martxan direla. Bi ordu eta erdiz aritu dira.
EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzar eta Carles Puigdemont, erbestean dagoen Kataluniako Generalitateko presidentea, Waterloon (Belgika) batzartu dira gaur goizean. EAJ eta Junts alderdien arteko «harremanak estutzeko eta uztailaren 23ko Hauteskundeek Espainiako Estatuan utzi duten egoera politikoa aztertzeko» egin dute bilera, EAJk jakitera eman duenez. Puigdemont presidentari Waterloon bisita egitea «aspalditik» zuen erabakia EAJk eta «agendan jasota», Ortuzarrek aiderazi duenez bilera amaitu eta gero. PPko hautagai Alberto Nuñez Feijooren inbestidura saioaren atarian, eta, horren ondotik, iristekoa den PSOEko presidentegai Pedro Sanchezenaren itzalean iritsi da bi gidarien batzarra. Bien botoak izango dira giltzarri Espainiako Gobernu berri bat eratzeko, eta Juntsen baiezkoa amnistia bati lotua egon daiteke. «Oso topaketa adeitsua eta onuragarria» izan dela azaldu du EAJk. Alde batetik, «Euskadiren eta Kataluniaren arteko harremanak nola areagotu eta optimizatu» daitezkeen aztertu dute Ortuzarrek eta Puigdemontek. Bestetik, «eta logikoa denez», bileraren «zati handi bat» eman dute egungo egoera politikoari buruzko analisia partekatzen,«kontuan hartuta bi alderdiek U-23ko hauteskundeen ondorioz eta edozein inbestiduratan funtsezko zeregina, erabakigarria» joka dezaketela. Zubi lanak egiten? Beraz, EAJk eta Juntsek garbi utzi dute «erabakigarriak» direla Sanchezentzat. «Gure jarrerak elkarren artean partekatzeko bilera interesgarria egin dugu, oraindik hasi ez diren negoziazioei begira», esan du buruzagi jeltzaleak. Ezaguna da, ordea, negoziazioak izan badirela, eta, Kataluniako gatazkari lotutako amnistiaren eskaera mahai gainean lukeela PSOEk. Negoziazio horretan EAJk bitartekari rola joka dezaleela ere zabaldu da, Puigdemonten eta PSOEren artean. «Euskadiko eta Kataluniako herritarrek adierazitako borondateak erabakigarri bihurtu dituzte bost diputatu jeltzaleen eta Juntseko zazpi diputatuen botoak, Espainiako Gobernua osatzeko orduan», azaldu du EAJk. «Prozesu garrantzitsu horri aurre egiteko» defendatzen dituzten «jarrerak eta itxaropenak» izan dituzte hizpide bi agintariek. Bi ordu eta erdiz luzatu da batzarra, Kataluniako buruzagiak Belgikan duen egoitzan, eta Ortuzar eta Puigdemonten arteko lehen harreman ofiziala izan da. Han izan dira Joseba Aurrekoetxea EBBko Antolakuntza Arloko arduraduna eta Jordi Turull Juntseko idazkari nagusia.
2023-9-15
https://www.berria.eus/albisteak/232828/alzheimerrean-neuronak-nola-hiltzen-diren-azaldu-du-ikerketa-batek.htm
Gizartea
Alzheimerrean neuronak nola hiltzen diren azaldu du ikerketa batek
Nazioarteko talde batek egin du lana, eta Amaia Arranz Ikerbasqueko ikertzaileak parte hartu du bertan
Alzheimerrean neuronak nola hiltzen diren azaldu du ikerketa batek. Nazioarteko talde batek egin du lana, eta Amaia Arranz Ikerbasqueko ikertzaileak parte hartu du bertan
Alzehimerraren atzean dauden mekanismoak zein diren azaldu du nazioarteko ikerketa batek. Zehazki, gaixotasun horretan neuronak nola hiltzen diren ikasi dute. Amaia Arranz Ikerbasqueko ikertzaileak parte hartu du lanean. «Gure aurkikuntzak itxaropentsuak dira eta ikuspegi berriak zabalduko dituzte Alzheimerren gaixotasunaren ikerketan», dio ikerlariak. Science aldizkarian argitaratu dute lana, gaur; eta 2017an argitaratutako bertze ikerketa baten jarraipena da. Lana egiteko xagu ereduen garunak erabili dituzte. Berez, animalia horiek ez dute alzheimerrik, gizakien gaitz bat da. Baina ikerketa egin ahal izateko gaixotasun horren zenbait ezaugarri garatuarazi dizkiete xaguei. Gainera, aztergai zituzten burmuinek gizakiaren burmuinaren antza gehiago izan zezaten, giza jatorriko neuronen transplanteak egin zizkieten. Alzheimerraren ezaugarriak zituen ingurunea prest zutela, bertan gertatzen zena aztertzen hasi ziren. Hala, ikusi zuten giza jatorriko neuronak hil egiten zirela, baina xaguenak ez. «Badago zerbait giza zeluletan alzheimerraren ezaugarriak dituen giro batean daudenean hilarazi egiten dituena», dio Arranzek. Gizakien neuronak hiltzen direla ikasteaz gain, jakin ahal izan dute nola gertatzen den: «Nekroptosia izeneko mekanismo batek eragiten du zelulak hiltzea». Arazoa zerk eragiten duen jakitean, gaitza sendatzeko edo haren sintomak agertzea atzeratzeko aukeren bila hasi ziren. «Animalia horiei sendagai batzuk eman dizkiegu, eta lortu dugu giza jatorriko neuronak ez hiltzea», borboildu du Arranzek. Emaitza hori «oso garrantzitsua» dela azpimarratu du Arranzek. Izan ere, neuronen heriotza Alzheimerren gaitzaren ezaugarri nagusietako bat da, eta horrek eragiten du urritasun kognitiboa, dementzia. «Oso goiz da ezer esateko, baina pentsatzen dugu ikerketa honek alzheimerraren tratamenduak garatzen lagundu dezakeela», dio Arranzek.
2023-9-15
https://www.berria.eus/albisteak/232829/mecanerreko-langileek-greba-egingo-dute-21ean-lantegia-ixtearen-aurka.htm
Ekonomia
Mecanerreko langileek greba egingo dute 21ean, lantegia ixtearen aurka
Stellantis taldearen asmoak aurrera eginez gero, 148 langile kalean geratuko dira.
Mecanerreko langileek greba egingo dute 21ean, lantegia ixtearen aurka. Stellantis taldearen asmoak aurrera eginez gero, 148 langile kalean geratuko dira.
Borrokarako deia egin dute Mecaner enpresako langileek. Urdulizen (Bizkaia) du egoitza enpresak, eta trokelak egiten ditu autogintzarako. Stellantis multinazionala da haren jabea —Peugeot, Citroen, Fiat, Opel, Jeep eta beste askoren egilea—, eta irailaren 1ean langileei jakinarazi zien lantegia ixteko asmoa zuela, haren esanetan, lantegia ez delako bideragarria. Arrazoi hori «aitzakia» iruditu zaie Mecanerren ordezkaritza duten lau sindikatuei (ESK, LAB, ELA eta CCOO). Haien arabera, enpresak azken urteetan irabaziak izan ditu, eta «nahi beste ez irabaztea» da lantegia ixtearen arrazoia. «Helburu bakarra mozkinen marjina handitzea besterik ez da, langileen eta eskualde osoaren gain erabaki horrek izango dituen ondorio latzak kontuan hartu gabe. Horrenbeste ez irabaztea aitzakia izan daiteke 148 familia kalean uzteko?». Mecanerren 144 langile ari dira gaur egun, baina garbiketa egiteko azpikontratatuta dauden lau langileak ere zenbatu ditu Mecanerreko enpresa batzordeak. Enpresa ixteko erabakian atzera egiteko eskatu diote langileen ordezkariek Stellantiseko zuzendaritzari. Bilera bat egin nahi dute haiekin, itxiera ez diren beste irteera batzuk negoziatzeko. Presio egitearren, enpresa batzordeak grebara deitu du datorren ostegunerako, hilaren 21erako. Urriaren 7an, berriz, Urdulizen manifestazio bat antolatu dute. Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari ere eskatu diete gatazkan esku hartzeko. «Euskal instituzioek ezin dute onartu lantegien ixte etengabea, ezta deslokalizazioa eta enpleguen txikitzea». Nabarmendu dutenez, enpresa «historikoa» da Mecaner, «erreferentzia bat» Bizkaian. «Gure zainetan daramagu, eta borroka egingo dugu defendatzeko».
2023-9-15
https://www.berria.eus/albisteak/232830/frankismoko-errepresaliatu-batek-aurrenekoz-deklaratu-du-espainian.htm
Mundua
Frankismoko errepresaliatu batek aurrenekoz deklaratu du Espainian
1975ean Polizia frankistak torturatu egin zuela salatzeko, Madrilgo epaile baten aurretik igaro da Julio Pacheco. Memoria Demokratikoaren Fiskaltza prozeduran aurkeztea positibotzat jo dute
Frankismoko errepresaliatu batek aurrenekoz deklaratu du Espainian. 1975ean Polizia frankistak torturatu egin zuela salatzeko, Madrilgo epaile baten aurretik igaro da Julio Pacheco. Memoria Demokratikoaren Fiskaltza prozeduran aurkeztea positibotzat jo dute
Francisco Francoren diktadurapeko (1939-1975) errepresaliatu batek aurreneko aldiz deklaratu du, gaur, Espainiako epaile baten aurrean. Julio Pacheco ikasle elkarte bateko kidea zen, eta kontatu dio Madrilgo 50. Instrukzioko Epaitegiko epaile Ana Maria Iguaceli Polizia frankistak nola torturatu zuen, zenbait egunez, 1975eko abuztuan. Pachecok AFP France-Press berri agentziari atzo esan zion «mugarri garrantzitsu bat» dela, eta «zirrikitu bat» ireki dutela frankismoaren biktimek nozitu duten «inpunitatearen murruan». Otsailean jarri zuen salaketa Pachecok, eta, hiru hilabete geroago, tramiterako onartu zuela jakinarazi zuen epaileak. Horren berri emateko kaleratu zuen autoan nabarmendu zuen «posible» zela «gizadiaren aurkako krimenak» egon izana. Espainiako Memoria Demokratikoaren Fiskaltza prozeduran aurkeztu da, eta salaketa jarri duen pertsonaren abokatuak auzi saioa amaitu eta gero kazetarien aurrean adierazi duenez, hori «positiboa» da. Biktimen elkarteek azpimarratu izan dutenez, azkeneko lau hamarkada pasatxotan ehun bat salaketa jarri dituzte Espainiako Estatuan, baina horiek, tramiterako onartuak izan ziren kasuetan ere, ia automatikoki artxibatu zituzten justizia estamentuek. Argudiatzen zuten delituek preskribitu egin zutela, edo 1977ko Amnistia Legea zegoela indarrean. Ia 40 urtez egindako krimenengatik inor ez dute epaitu, eta, hori dela eta, NBE Nazio Batuen Erakundeak Espainiari belarrietatik tira egin izan dio. Memoria elkarteak ahalegindu dira Zigor Kodea erreformatzen, horrek frankismoko krimenak ere barnebildu ditzan. Proposamen bat bozkatu zuten Kongresuan iazko martxoan, baina atzera bota zuten PPren, Voxen, Ciudadanosen, eta, are, PSOEren botoekin. Salatzaileak zehaztu du BPS Brigada Politiko Sozialeko lau agentek torturatu zutela Segurtasuneko Zuzendaritza Nagusiaren egoitzan, Madrilen, eta agente horietako bat Jose Manuel Villarejo zela, gerora Espainiako Poliziako komisarioa izandakoa, eta, besteak beste, estatu indarkeriari gorazarre egin izan diona. Epaileak autoan jaso zuenez, ikertu gisa deklaratzera deituko ditu Villarejo eta beste hiru poliziak: Jose Maria Gonzalez Reglero, Alvaro Valdemoro eta Jose Luis Montero. Gainera, auziari buruzko dokumentazioa eskatu die Poliziari eta Espainiako Artxibo Nazionalari. Iturri judizialak aipatuz Espainiako zenbait hedabidek kaleratu dutenez, hiru polizia horiek hilda daude. Dena den, epaitegiari dagokio hori baieztatzea eta horien auziak artxibatzea. Egin beharreko hurrengo urratsei dagokienez, salatzaileak esan zuen, atzo, izan daitekeela epaileak Villarejo deklaratzera deitzea. Ondoren erabaki bat hartu beharko du epaileak: auzia artxibatu edo ahozko epaiketa hasi. Argentinako bidea Espainian salaketek bidea egiteko zituzten zailtasunak ikusita, biktimen elkarteek Argentinara jo zuten, eta han, nazioarteko zuzenbideak jurisdikzio unibertsala gauzatzeko aukera ematen diola argudiatuz, Maria Servini epaileak ikerketa bat hasi zuen 1936ko gerran eta frankismoan gertatutako gizadiaren kontrako krimenengatik. Krimen horiekin lotura zutelakoan, diktadura garaiko ministro, epaile eta polizia batzuk —hogei bat guztira— estraditatzeko eskatu zuen, baina Espainiako Estatuko instituzioek horri uko egin izan diote. Ceaqua Argentinako Kereila Babesteko Estatu Koordinakundeak ohar baten bidez eskatu die botere publikoei eta alderdi politikoei har ditzatela «beharrezkoak diren neurriak», Madrilgo epaile horrek hartutako erabakia «salbuespena» izan ez dadin.
2023-9-15
https://www.berria.eus/albisteak/232831/eh-bilduren-ustez-ezin-da-eajren-zain-egon-denbora-gehiago.htm
Politika
EH Bilduren ustez, «ezin da EAJren zain egon denbora gehiago»
Espainiako Estatuan lurralde ereduari buruz eztabaidatzea «lehentasun bat» da EH Bildurentzat. «Herri akordio historiko bat» egitea proposatu dio lehendakariari.
EH Bilduren ustez, «ezin da EAJren zain egon denbora gehiago». Espainiako Estatuan lurralde ereduari buruz eztabaidatzea «lehentasun bat» da EH Bildurentzat. «Herri akordio historiko bat» egitea proposatu dio lehendakariari.
Ikasturte politikoa hasia dute ja Hego Euskal Herriko erakunde eta alderdi politiko guztiek. Hasiera hori ordezkatu zuen atzo Eusko Legebiltzarrean egin zuten Politika Orokorrerako osoko bilkurak. Gaur, ordea, alderdien adierazpenak ez dira eten. EH Bilduk ikasturte politikoaren hasierako bilera egin du Donostiako Miramar jauregian. Nerea Kortajarena EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramailea kritiko azaldu da Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren agintaldiarekin: «Lehendakariak eta Jaurlaritzak ez dute misiorik, bisiorik ezta anbiziorik. Puntu honetara iritsita, herri honen zati honek ezin du EAJren zain egon denbora gehiago». Datorren urterako daude aurreikusita Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, eta, EH Bilduk egin bezala, beste alderdi batzuek ere kritikatu dute EAJk eta PSE-EEk osatutako Jaurlaritza. Esaterako, PPk. «Urkulluk gobernua birmoldatu beharko luke, bere sailburu asko erreta daudelako, eta ez direlako gai Euskadiren arazoak konpontzeko», esan du gaur Carlos Iturgaizek, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako PPren buruak, Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean. Miren Gorrotxategik, Elkarrekin Podemosen Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak, bozei buruz hitz egin du Euskadi Irratian: «Indarrez ikusten naiz hauteskundeetara berriz aurkezteko, baina primarioak egiten ditugu». Hala ere, gaurko ekitaldi politikorik esanguratsuena EH Bilduk egindako bilera izan da. EH Bilduko zuzendaritza politikoak bilera egin du Eusko Legebiltzarreko, Nafarroako Parlamentuko eta Espainiako Gorteetako talde parlamentarioekin, hasi berria den ikasturte politiko helburuak eta lan ildoak eztabaidatzeko eta adosteko. Erakunde desberdinetako talde parlamentarioen «erlojuak sinkronizatzea» izan da bileraren helburua, Unai Urruzuno EH Bilduko politika instituzionaleko arduradunaren arabera. Lurralde eredua EH Bilduk lehentasuntzat jo du Espainiako Estatuan lurralde ereduari buruzko eztabaida zabaltzea. «Horretarako, beharrezkoa ikusten dugu estatuko independentisten eta subiranisten arteko artikulazioa bilatzea. Lan egingo dugu eztabaida zabaldu eta gure nazioen aitortzan urratsak egiteko», esan du Urruzunok. Gaineratu du eztabaida hori bideratzeko «ezinbestekoa» dela «akordioak» erdiestea Euskal Herriko erakundeetan. Zentzu horretan, Kortajarenak nabarmendu du EH Bilduk «herri akordio historiko bat» erdiesteko «eskua luzatu» diola Urkulluri, nazio auziari bide emateko: «Gu prest gaude eztabaida nazional bat emateko, Euskal Herriaren izaera nazionala aitortua izan dadin, eta gure erabakitzeko eskubidea errespetatua izan dadin. Uste dugu hori herri bezala egin behar dugula». Herri itunez gain, «estatu itunez» ere hitz egin du Urruzunok, agenda sozialari dagokionez: «Garaiko erronkek erantzun partekatuak behar dituzte. Jakitun gaude batzuk egiturazkoak direla, eta horiek guztion erantzunak bilatzen dituztela. Estatu itunak erdiesteko eta garatzeko gure eskua luzatuko dugu, kontziente garelako konplexuak direla, eta guztion erantzunak behar dituztela». Laura Aznalek ere hartu du hitza Miramar jauregiko eskaileretan. EH Bilduren Nafarroako Parlamentuko bozeramaileak esan du Nafarroan hasi berri den legealdian «erabakigarriak» izango direla: «Eskuinaren aurrean gehiengo aurrerakoia ahalbidetu dugu, gure abstentzioaren bidez. Gure konpromisoa ez da osatutako gobernuarekin; herriarekin eta jendearekin da». Mertxe Aizpuruak, Espainiako Kongresuko eledunak, esan du EH Bildu ez dela «oztopo bat» izango, Pedro Sanchezek Espainiako Gobernua osatzeko saiakera egingo balu.
2023-9-15
https://www.berria.eus/albisteak/232832/dainesek-irabazi-du-vueltako-etapa-erorikoa-saihestuta.htm
Kirola
Dainesek irabazi du Vueltako etapa, erorikoa saihestuta
Alberto Dainesek irabazi du Espainiako Vueltako hemeretzigarren etapa, esprintean. Azken kilometroan eroriko bat izan da, eta tropel txiki batek lehiatu du etapa garaipena
Dainesek irabazi du Vueltako etapa, erorikoa saihestuta. Alberto Dainesek irabazi du Espainiako Vueltako hemeretzigarren etapa, esprintean. Azken kilometroan eroriko bat izan da, eta tropel txiki batek lehiatu du etapa garaipena
Gaur zuten tropeleko txirrindulari azkarrenek helmugan besoak altxatzeko azken aurreko aukera, eta ez diote ihesaldiari aurrera egiten utzi. Nahi horrek askotan mugimendu desegokiak egitera eramaten ditu txirrindulariak, eta horrelako batean eroriko itsusi bat gertatu da azken kilometroan. Hori dela eta, tropel txiki batek jokatu du garaipena, eta hor nagusitu da Alberto Dainese (DSM). Taldeburuak elkarrekin helmugaratu dira. Lau ziklista sartu dira eguneko ihesaldian: Clement Davy (Groupama), Paul Lapeira (Ag2r), Mathis Le Berre (Arkea) eta Michal Schlegel (Caja Rural). Etapa hasi eta berehala sortu da ihesaldia, baina helmugatik 40 kilometro ingurura irentsi ditu tropelak. Esprinterrentzako eguna zen, eta tropela ez zegoen txantxetarako. Gehienez bi minutuko aldea izan dute iheskideek, eta ez dute biderik egin. Azken kilometroetan Movistar eta Ineos jarri dira tropelaren buruan, eta haiek hartu dute beregain tropelari azken estutua emateko erantzukizuna. Azken unean aurrera egiten saiatu dira Education Firstekoak, eta hor gertatu da erorikoa. Lurrera jausi dira zenbait txirrindulari, baina ez da zauritu larririk izan. Esprinta Filippo Gannak (INEOS) abiatu du, baina luzeegia egin zaio helmugarainoko bidea. Ivan Garcia Cortinak (Movistar) ezin izan dio aurre hartu, baina italiarra baino azkarrago aritu da Dainese. Bihar izango dute mendiko azken etapa.
2023-9-15
https://www.berria.eus/albisteak/232833/baionan-hil-zuten-autobus-gidariaren-ustezko-erasotzaileen-aurkako-epaiketa-hasi-da-gaur.htm
Gizartea
Baionan hil zuten autobus gidariaren ustezko erasotzaileen aurkako epaiketa hasi da gaur
Philippe Monguillot gidariaren familiari barkatzeko eskatu diete akusatuek, eta hura hiltzeko asmorik ez dutela adierazi dute
Baionan hil zuten autobus gidariaren ustezko erasotzaileen aurkako epaiketa hasi da gaur. Philippe Monguillot gidariaren familiari barkatzeko eskatu diete akusatuek, eta hura hiltzeko asmorik ez dutela adierazi dute
Hiru pertsona zeuden gaur deituta gaur, Pabeko auzitegian (Okzitania), Baionan 2020. urtean gertaturiko hilketaren inguruko epaiketan deklaratzera. Akusatuetako bik baino ez dute deklaratu, azkenean, hirugarrena gaixorik zegoelakoan. Hilketak Lapurdiko hiriburua inarrosi zuen 2020ko uztailean. Hilaren bostean, Chronoplus sareko autobus bat gidatzen ari zen Philippe Monguilot 58 urteko langilea. Autobusera igotzeko asmoa zuen pertsona talde bati maskara jar zezatela eskatzeko jaitsi zen ibilgailutik, iskanbila sortu zen. Bi erasotzailek jipoia eman zioten, konorterik gabe utzi zuten, eta ihesi joan ziren. Monguilot Baionako ospitalera eraman zuten, eta egun batzuk garun heriotzarekin igaro ostean, hil egin zen. Erasoaren biharamunean atxilotu zituzten ustezko erasotzaileak, gertaeren lekutik oso gertuko etxebizitza berean. Haietako biri kolpeak eman izana leporatu zieten, eta beste biri, ustezko erasotzaileak babestea, eta biktimari ez laguntzea. Preso sartu zituzten laurak. «Ez naiz munstro bat. Ez nion halakorik egin nahi Monguillot jaunari», esan du gaur Wissem Manai akusatuak. Besteak beste, biktima lurrera bota zuen ukabilkada ematea leporatzen diote. Maxime Guyennon, beste akusatuak esan du ez zuela istiluan parte hartuko, jakinez gero heriotza batekin amaituko zela. «Nik ez nuen hiltzea nahi. Inork ezin zuen jakin hilko zenik». Euren bizimoduaren berri eman dute. Nimes (Okzitania) eskualdekoa da Manai. 25 urte ditu, eta porrot egin zuen eskolan, «dislexia dela eta», esan duenez. Droga saltzen hasi zen, eta gaztetatik espetxetik pasaturikoa da. Baionara oporretan joaten zela kontatu du, eta jaioterrian arazotan sartu zenean —lagun bat hil zioten tiroz—, Euskal Herrira ihes egin zuen. Guyennonek ere antzeko ibilbidea izan du. Kalamua erosteko dirua lortzeko hasi zen lapurtzen, eta lapurreta batean pertsona bat larri zauritu zuen. Kartzelan zen 18 urterekin, bost urteko zigorra betetzeko. Monguillot hil baino hiru hilabete lehenago askatu zuten. Gurasoek jatetxe bat hartu zuten Landetan (Okzitania) Baionatik gertu, gaztea arazoetatik urruntzeko asmoz. Hirugarren akusatuari ez diote deklaraziorik hartu, psikologikoki ondo ez zegoela iritzita. 43 urteko Mohamed Akrafiri ustezko hiltzaileei aterpe ematea egozten diote. Dardarka ari zen epaitegian, eta epaileek azterketa psikiatrikoa eskatu dute. Litekeena da astelehenean itzultzea epaitegira. Manai eta Guyennon kartzelatik pasatutakoak direnez, litekeena da bizi arteko zigorra ezartzea, hilketarengatik. Zirrara, Baionan Erasoak eta ondorengo heriotzak oihartzun handia izan zuen Baionan. Erasoa salatzeko eta gidariaren senideei elkartasuna adierazteko, ehunka pertsona elkartu zen Baionan. Senideak izan ziren manifestazioaren buru, eta haien ondoan, Chronoplus autobus sareko lankideak, hautetsiak, eta herritar ugari. Autobusak geldirik egon ziren hainbat egunez, eta sindikatuek zuzendaritzarekin negoziatu zituzten segurtasuna hobetzeko neurriak. Ikusi gehiago: Ekaitz Bergaretxe. Autobus gidaria «Lana ongi egin nahi duzu, baina ezin duzu. Zaila da eramateko» Askotan kexatu izan dira gidariak segurtasun faltarengatik, eta, badirudi, arazoa ez dela konpondu. Joan zen abuztuan, esaterako, gizonezko batek eraso zion Txik Txak autobus sareko gidari bati, Urruñan (Lapurdi). Baiona eta Hendaia arteko zerbitzua egiten ari zela, autobusean ezin dela jan ohartarazi zion mozkorturik zegoen bidaiari bati. Hark, ordea, iraindu eta hozka egin zion. Erietxean zaindu behar izan zizkioten zauriak. Erasotzailea atxilotu zuten, eta epaiketa azkarra egin zioten.
2023-9-15
https://www.berria.eus/albisteak/232834/esku-hutsik-itzuli-da-etxera-alaves.htm
Kirola
Esku hutsik itzuli da etxera Alaves
Lehen zatian penaltiz egin dute gola etxekoek, eta partidaren ondarrean, arabarrak berdinketaren bila joan direnean, kontraerasoan egin du bigarrena Rayok.
Esku hutsik itzuli da etxera Alaves. Lehen zatian penaltiz egin dute gola etxekoek, eta partidaren ondarrean, arabarrak berdinketaren bila joan direnean, kontraerasoan egin du bigarrena Rayok.
Esku hutsik itzuli da etxera Alaves, beste behin. 2-0 galdu dute arabarrek Vallecasen, Rayoren aurka. Partida parekatua izan da, baina etxekoek penaltiz egindako gol bati esker aurreratu dira. Epaileak ez du zalantzarik izan 11 metroak ebazterako orduan, baina zalantzazko jokaldia zen, gutxienez. Alaves ahalegindu da berdinketaren gola egiten, baina ez du aukera argiegirik sortzea ere lortu. Horrekin nahikoa ez, eta partidaren hondarrean bigarrena egin du etxeko taldeak. Kontraeraso bizkorra egin dute Francisco Rodriguezenek, eta Jorge De Frutosek ez du barkatu area barruan. Alavesek etxetik kanpo jokatu duen hirugarren partida izan da, eta ez du punturik eskuratu. Hiru partidak galdu ditu, Cadizen, Getafen eta Vallecasen. Lehen zatia orekatua izan da. Luis Garcia Plazak ohituak ditu zaleak etxean modu batean jokatzera, eta etxetik kanpo beste batera. Horrela aritu dira, gaur ere, babazorroak. Defentsako lanean sendo aritzera irten dira arabarrak, lerro artean toki gutxi utzi, eta elkarri laguntzeko prestutasunez. Ez da erraza Rayo bezalako talde bati aukerak egitea galaraztea, baina oso aukera gutxiko lehen zatia ikusi dute zaleek. babazorroak ahalegindu dira baloiak lapurtzerakoan hegaletatik min egiten, baina Luis Riojak zein Alex Solak lan zaila izan dute Ivan Balliurekin eta Pacha Espinorekin. Rayo kanpoko jaurtiketekin ahalegindu da, baina 40. minutura arte ez zaio iritsi saririk. Alvaro Garcia area barruan sartu da, eta Solak penaltia egin dio epailearen iritziz. Donostiarrak ezin zuen sinetsi penaltia adierazi izana. Isik hartu du erantzukizuna, eta ez du barkatu. 1-0ekoarekin joan da neurketa atsedenaldira. Bigarren zatia hasi eta berehala euri jasa bortitza izan da Vallecasen, eta partidak bizitasun gehiago izan du. Jokaldi bizi horietako batean gertu izan du gola Kike Perezek, baina haren jaurtiketa modu ikusgarrian atera du hankarekin Antonio Sivera babazorroen atezainak. Ikustekoa. Baina minutuak aurrera joan ahala baloia bereganatu du Alavesek, eta pixkanaka-pixkanaka bere zelaian sartu ditu etxekoak. Ahalegindu dira hegaletatik min egiten, Riojarekin batez ere, baina Aridane eta Florian Lejeunek partida itzela egin dute. Ia erdiraketa guztiak atera dituzte erdiko atzelariek. Alavesek, baina berean jarraitu du, eta gola iritsi zitekeela uste zutenean iritsi da Rayoren bigarrena. Kontraeraso azkara egin dute; Raul De Tomasek gidatu, Alvaro Garciak erdiratu, eta De Frutosek sareetara bidali du baloia. 2-0 83. minutuan. Hor amaitu da partida. Gaur zortzi izango du Alavesek hiru puntuen bidera itzultzeko hurrengo aukera. Derbia izango da datorren ostiralean Mendizorrotzan. Athleticen bisita jasoko dute arabarrek. Orain arte, etxetik kanpo ez bezala, Mendizorrotzan jokatu dituen bi partidak irabazi ditu Garcia Plazaren taldeak. Sevillaren aurka lehenengo jardunaldian, eta Valentziaren aurka hirugarrenean. Astebete daukate partida prestatzeko.
2023-9-16
https://www.berria.eus/albisteak/232866/datorren-astelehenetik-aurrera-eskola-garraioa-berriz-ere-martxan-jarriko-dute.htm
Gizartea
Datorren astelehenetik aurrera eskola garraioa berriz ere martxan jarriko dute
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak jakitera eman duenez, garraio zerbitzuekin batera adostu dute «hobekuntza proposamenak» egitea.
Datorren astelehenetik aurrera eskola garraioa berriz ere martxan jarriko dute. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak jakitera eman duenez, garraio zerbitzuekin batera adostu dute «hobekuntza proposamenak» egitea.
Eskola garraioko enpresek berriz ere helduko diote beren zerbitzuari datorren astelehenetik aurrera. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eman du erabakiaren berri, eta adierazi du garraio enpresekin batera adostu dutela «eskola garraioaren egoera aztertzea eta etorkizunerako hobekuntza proposamenak egitea». Jakitera eman dutenez, enpresek aurreko ikasturteetako zerbitzu bera eskainiko dute, baldintza ekonomiko berberetan. Bi aldeen arteko elkarrizketen bidez, baina, eskola garraioaren «baldintzak zehazteko oinarriak» finkatzen ahaleginduko dira. Horrez gain, «Hezkuntza Sailak bete gabe geratu diren ibilbideen lizitazio prozesu berri bat abiatuko du laster, 2024-2025 ikasturterako ahalik eta egonkortasunik handiena emateko milaka ikaslerentzako funtsezkoa den zerbitzu bati», borobildu dute.
2023-9-16
https://www.berria.eus/albisteak/232867/espainiako-gobernua-prest-da-ebn-hizkuntza-gutxituak-ofizial-egitearen-kostuak-bere-gain-hartzeko.htm
Gizartea
Espainiako Gobernua prest da EBn hizkuntza gutxituak ofizial egitearen kostuak bere gain hartzeko
Heldu den asteartean bozkatuko dute Bruselan euskara, katalana eta galiziera ofizial egitea edo ez. Aho batez onartu behar dute EBko 27 kideek. Badira neurriari muzin egin dioten herrialdeak.
Espainiako Gobernua prest da EBn hizkuntza gutxituak ofizial egitearen kostuak bere gain hartzeko. Heldu den asteartean bozkatuko dute Bruselan euskara, katalana eta galiziera ofizial egitea edo ez. Aho batez onartu behar dute EBko 27 kideek. Badira neurriari muzin egin dioten herrialdeak.
Hiru egun besterik ez dira geratzen EB Europako Batasuneko 27 herrialdeetako Atzerri ministroek zera eztabaidatzeko: ea euskara, katalana eta galiziera EBko hizkuntza ofizialen zerrendan sartzea. Ez da erraza izango. Europako Kontseiluko 27 kideek aho batez onartu beharko dute neurria, eta badira zalantzak dituzten herrialde ugari. Dena den, Espainiako Gobernuak aurre hartu die: prest agertu da kostu horiek bere gain hartzeko. Erreparoz hartu dute proposamena zenbait kidek, eta batzuk harekiko kezka adierazi dute. Esaterko, Suediak eta Finlandiak. Argudiatu dute kostu ekonomikoa handitzea ekarriko lukeela hizkuntza gutxitu horiek onartzeak, baita lan karga administratiboa areagotzea ere, erakundearen jarduna «motelduz». Horiek horrela, uste izatekoa da trabak jarriko dizkiotela hizkuntza eskubideen aldarriari. Ikusi gehiago: Euskara EBn: garrantzia, prestigioa eta «onura errealak» Kide diren herrialdeetako hainbat enbaxadoreek atzo egindako bileran, asteartekoaren atarian, denbora gehiago eskatu zuten erabakiren bat hartzeko. Patxadaz aztertzea nahi dute zer eragingo lukeen EBn 24 hizkuntza ofizialetik 27ra igarotzea. Bilera horretan iragarri zuten Espainiako Gobernuak asmoa zuela kostuak bere gain hartzeko, bide batez, ofizialtasunerako bidea erraztu nahian. Berez, EBren arduratzen da kostu horiez. Bruselan hilabete izan dute eztabaidarako. Hain justu, gaur duela hilabete egin zuen eskaria Jose Manuel Albares Espainiako Atzerri ministroak euskara, katalana eta galiziera EBren hizkuntza erregimenean sartzeko. Hala eskatu zion Junts per Catalunya alderdiak, PSOEko Francina Armengol Espainiako Kongresuko presidente hautatzearen truke. Espainiako Kongresuan, laster euskaraz Heldu den astearteak emango zu zeresana: Bruselan aipatu bozketa egingo dute; eta, aldi berean, hizkuntza gutxituak erabili ahalko dira Espainiako Kongresuan. Oraindik debeku da gaztelania ez beste edozein hizkuntza erabiltzea gabera horretan. Hiru egun barru irauliko da egoera. PSOE, Sumar, ERC, EH Bildu, EAJ eta BNG taldeek aurkeztu zuten araudia aldatzeko lege erreforma, joan den astean. Berez, ERCk eta JxCk, biek negoziatu zuten PSOErekin Espainiako Kongresuan ere euskara, katalana eta galiziera erabili ahal izatea. Aste honetan ebazpena sinatu du Francina Armengolek kongresuan hizkuntza gutxituak erabili ahal izateko. Behin-behinean antolatuko dute itzultzaileen sistema; Senatuan erabiltzen dituztenen pareko sistema ezarriko dute. Senatuan badago aukera hizkuntza gutxituak erabiltzeko, modu mugatuan.
2023-9-16
https://www.berria.eus/albisteak/232868/konponbidearen-aldeko-estrategia-bat-eskatu-du-jaizkibel-konpainiak.htm
Gizartea
«Konponbidearen aldeko estrategia bat» eskatu du Jaizkibel konpainiak
Hondarribiko alkateari eskatu diote betorik gabeko elkarrizketa mahai bat eratzeko. Jaizkibelen 1.000 pertsona inguruk desfilatu dute aurten.
«Konponbidearen aldeko estrategia bat» eskatu du Jaizkibel konpainiak. Hondarribiko alkateari eskatu diote betorik gabeko elkarrizketa mahai bat eratzeko. Jaizkibelen 1.000 pertsona inguruk desfilatu dute aurten.
Betorik gabeko elkarrizketa mahai bat eratzeko eskatu die Jaizkibel konpainiak Hondarribiko Udalari nahiz bertze instituzioei. 2023ko jaien eta irailak 8aren balorazioaren berri eman zuen konpainiak, atzo: «Konponbidearen aldeko estrategia argi eta zintzo bat adierazi dezatela hurrengo hilabeteetan». Zentzu horretan, alkateari elkarrizketa mahai bat eratzeko eskatu zioten: «Eragileren batek ez badu mahai horretan eseri nahi, gainerakoak hasiko gara konponbidearen aldeko prozesuari forma ematen». Mahaiaren behatzaile lanak egiteko Arartekoa proposatu dute, hura delako «giza eskubideak bermatzen direla ziurtatzen duen instituzioa». Eskaerak eskaera, nabarmendu dute orokorrean «urte pozgarria» izan dela: «1.000 pertsona inguruk desfilatu dute Jaizkibelekin, eta kaleak ere gure aldeko keinuz eta txaloz beteta egon dira». Aurten Gernikako Arbolatik abiatu direla azpimarratu dute, baita bertze konpainietako kideek beraiei «harrera egin eta babesa erakutsi izana» ere. «Batzuek ekidin nahi dute elkarri babesa adierazteko eta elkarrekin ospatzeko espazioak sortzea, baina argi dago hondarribiar askoren nahia dela jaiak elkarrekin ospatzea», borobildu dute. Espazio horiek, baina, Hondarribiko Udalak eginiko «keinuengatik» posible izan direla gogoratu dute, eta aurten, lehenbizikoz, Udal Gobernuko kideek eta alkateak harrera egin dietela. Hondarribiko EAJk irailak 8aren bezperan argitaratutako testua, berriz, «benetan larritzat» jo du konpainiak. «Konponbidearen aldeko keinurik ez egiteaz gain, ezberdin pentsatzen dutenen arteko zubi guztiak apurtu nahi izan ditu idatzi horren bidez», erran dute. Gainera, Gipuzkoako EAJren eta Hondarribiko EAJren artean koherentziarik ikusten ez dutela azpimarratu dute. Azkenik, Jaizkibel konpainiari ez zaio «neutrala» iruditzen beraien nahiz alarde baztertzailearen aldeko keinuak egitea: «Kezkagarria iruditzen zaigu eskubideak defendatzen dituzten pertsonak eta jarrera baztertzaileak dituztenak parekatzea. Ez da gauza bera eskubide bat defendatzea eta eskubide hori bera urratzeko 'sentsibilitatea' edukitzea». «Boikota» Horrez gain Hondarribia Berdintasun Hiria sarian gertatutakoa «irmoki» salatu dute. Adierazi dutenez, «eragileren batek sarrera guztiak aurrez hartu zituen, aretoa hutsik uzteko asmoz». Hala ere, kanpoan zegoen jendeak ateak irekitzea lortu zuen, eta barrura sartu ziren. «Argi dago batzuek duten arazoa Berdintasunarekin dela, baita beste herri batzuetako alardeak biziberritu eta eraberritzeko prozesuei ikusgarritasuna ematearekin», borobildu dute. Jasan zuten «boikot» haren aurrean alkateak eta Abotsaniz eta EH Bilduko zinegotziek lagundu zietela ere gogoratu dute.
2023-9-16
https://www.berria.eus/albisteak/232869/eibarrek-eta-athleticek-galdu-egin-dute-estreinakoan.htm
Kirola
Eibarrek eta Athleticek galdu egin dute estreinakoan
Gipuzkoako taldeak azken unean galdu du Ipuruan Levante Las Planasen aurka: 1-2. Bizkaikoak, berriz, ez du aukerarik izan Atletico Madrilen zelaian: 3-0
Eibarrek eta Athleticek galdu egin dute estreinakoan. Gipuzkoako taldeak azken unean galdu du Ipuruan Levante Las Planasen aurka: 1-2. Bizkaikoak, berriz, ez du aukerarik izan Atletico Madrilen zelaian: 3-0
Estreinako txarra izan dute Eibarrek eta Athleticek. Biek ala biek galdu egin dute gaur eguerdian Espainiako Lehen Mailako ligako aurreneko partidan: gipuzkoarrek 1-2 galdu duten Ipuruan Levante Las Planasen kontra; bizkaitarrek, berriz, 3-0 galdu dute Atletico Madrilen zelaian. Krudela izan da Eibarren itzulera maila nagusira. Etxekoak nor baino nor gehiago aritu dira Levante Las Planasekin, baina esku hutsik geratu dira azkenean. Bigarren zatian izan dira hiru golak. Yasmin M’Rabetek sartu du Levante Las Planasen lehena, 58. minutuan. Ane Camposek berdindu egin du 85.ean, baina luzapenean, 93.ean, Jessica Martinezek esku hutsik utzi du Eibar. Galdu arren, oso ondo aritu dira Yerai Martinek entrenatutakoak. Aukera gutxiago izan ditu Athleticek. Aurkaria ere askoz hobeagoa zen: Atletico Madril. Hori gutxi ez, eta etxean aritu da Espainiako taldea. Zuri-gorriek ondo eutsi diete etxekoei lehen zatian; ez, ordea, bigarrengoan. Hiru gol sartu ditu Atletico Madrilek: Sheila Guijarrok bi, eta Eva Navarrok bat. Agerian geratu da talde baten eta bestearen arteko aldea. David Aznarrek, beraz, ez du nahiko lukeen estreinakoa izan. Realak, berriz, bihar jokatuko du, Granadan (Espainia), etxeko taldearen aurka (19:00, DAZN). Txuri-urdinek irabaziz ekin nahi diote denboraldiari. Aukera ona dirudi, Granada igoberria baita.
2023-9-16
https://www.berria.eus/albisteak/232870/urriaren-7an-hasiko-da-nafarroako-bertsolari-txapelketa-iruritan.htm
Kultura
Urriaren 7an hasiko da Nafarroako Bertsolari Txapelketa, Iruritan
Lehiaketan 24 bertsolarik parte hartuko dute, eta finala Iruñean izango da, abenduaren 2an
Urriaren 7an hasiko da Nafarroako Bertsolari Txapelketa, Iruritan. Lehiaketan 24 bertsolarik parte hartuko dute, eta finala Iruñean izango da, abenduaren 2an
Urriaren 7an abiatuko da Nafarroako Bertsolari Txapelketa, Iruritan, eta abenduaren 2an amaituko da, Iruñean. 29 bertsolarik izena eman dute parte hartzeko, baina, aurre kanporaketak amaitu eta gero, 24 izango dira. Guztira, zortzi saio izango ditu txapelketak, eta bakoitza Nafarroako udalerri batean egingo da; bertsolaritza Nafarroa osora hedatzea da helburua. Hala azaldu dute Nerea Bruño Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakariak eta Ander Perez Nafarroako Bertsozale Elkarteko kideak, Atarrabiako (Nafarroa) Kultur Etxean egindako aurkezpenean. Lau final-laurden izango dira, guztira, aurtengo txapelketan: Iruritakoaz gain, Vianan urriaren 14an, Uharten urriaren 15ean eta Leitzan urriaren 21ean. Bertan lehiatuko dira 24 bertsolariak, eta saio horietan gailentzen diren 18ek egingo dute aurrera finalaurrekoetara. Bigarren fase horretan, hiru saio izango dira: Altsasun azaroaren 4an, Agoitzen azaroaren 11n eta Lesakan azaroaren 19an. Finalaurrekoetan sailkatutako zortzi bertsolariek Iruñeko finalean kantatuko dute, Anaitasuna kiroldegian. Zortzi horietatik, saioan zehar puntu gehien lortzen dituzte bi bertsolariek buruz burukoa jokatuko dute: orduan erabakiko da txapelduna. Saio guztiak 17:30ean hasiko dira, finala izan ezik —17:00etan abiatuko da—. Aurtengoa Nafarroako 46. Bertsolari Txapelketa izango da, eta, kartelak islatzen duen bezala, bertsolaritzak Nafarroako lur berdeak, horiak eta gorriak zeharkatuko ditu. «Bide horren bitartez, euskarari eta euskarazko kulturari ekarpen mamitsua egingo dio bertsolaritzak, Nafarroako hainbat eskualde eta bazterretara hedatuz», Bruñoren hitzetan. Bi hilabetez Nafarroako zortzi udalerri euskal kulturaren topaleku izango direla nabarmendu du elkarteko lehendakariak. Aurreko edizioko pausoak jarraitu nahi izan dituzte aurten; izan ere, 2021eko aldia inoizko jendetsuena izan zen, nahiz eta pandemia garaian izan. «Egun, zorionez, bertso plaza berreskuratzen doala esan dezakegu, eta kulturak, mehatxuak mehatxu, gizartearentzat duen balio ezinbestekoa erakutsi du. Bide horretan ale berri bat gehitzera dator aurtengo txapelketa», esan du Bruñok. Lehiaketa jendetsua lortzearen atzean dagoen lana azpimarratu du lehendakariak, emaitzak lan isilaren fruitu baitira: «Bertsolaritza transmititzeko hezkuntzaren esparruan egindako lanaren ondorio zuzena da. Egitasmo horiek baliabideak beharko dituzte hemendik aurrera ere fruituak ematen segi dezagun». Oholtza gainean Parte hartzaileen artean aurpegi berriak ikusi ahal izango dira oholtzaren gainean: Beñat Astiz, Bittori Elizalde, Eki Mateorena eta Fernando Ziganda lehendabiziko aldiz arituko dira Nafarroako Bertsolari Txapelketan. Gainera, lau txapeldun ere ariko dira kantuan: Julio Soto, Xabier Silveira, Julen Zelaieta eta egungo txapelduna den Saioa Alkaiza. Gainerako parte hartzaileak honakoak dira: Aitor Irastortza, Egoitz Gorosterrazu, Ekain Alegre, Ekhiñe Zapiain, Endika Legarra, Eneko Lazkoz, Eneko Fernandez, Idoia Granizo, Joanes Illarregi, Josu Sanjurjo, Mikel Lasarte, Patxi Castillo, Saats Karasatorre, Sarai Robles, Urko Gartzia eta Xabat Ilarregi. Saioetan 11 lagun ariko gai jartzaile lanetan: Ainhoa Iriarte, Ainhoa Larretxea, Alaitz Rekondo, Ander Aranburu, Elisa Almandoz, Irati Agesta, Izaskun Aleman, Kizkitza Mujika, Maialen Belarra, Miel Mari Elosegi eta Zigor Gartzia. Zortzi arituko dira epaile gisa: Aimar Sagastibeltza, Amaia Telletxea, Cesar Etxeberria, Iñigo Ibarra, Joseba Beltza, Mikel Beaumont, Nerea Bruño eta Saioa Mitxelena. Sarrerak jada eskuragai daude bertsosarrerak.eus webgunean, eta egunean bertan leihatilan salgai ere jarriko direla esan du Bruñok: «Orain gozatzeko unea da. Iritsi da 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketa».
2023-9-16
https://www.berria.eus/albisteak/232871/athleticek-nagusitasunez-irabazi-dio-cadizi-san-mamesen.htm
Kirola
Athleticek nagusitasunez irabazi dio Cadizi San Mamesen
Talde zuri-gorriak arlo guztietan hartu du mendean aurkaria. Guruzetak, Sancetek eta Iñaki Williamsek sartu dituzte golak, guztiak bigarren zatian. Hamar punturekin, gora begira jarri da Athletic
Athleticek nagusitasunez irabazi dio Cadizi San Mamesen. Talde zuri-gorriak arlo guztietan hartu du mendean aurkaria. Guruzetak, Sancetek eta Iñaki Williamsek sartu dituzte golak, guztiak bigarren zatian. Hamar punturekin, gora begira jarri da Athletic
San Mames. Bigarren zatiko erdira iristear dago partida. Athleticek aukera garbi asko izan ditu, baina neurketa hutsean dago. Robert Navarrok eskuin hegaletik barneraketa ona egin du, eta maisutasunez jarri dio baloia Maxi Gomezi. Urduritu egin dira San Mamesko harmailetan dauden 43.000 jarraitzaileak. Aukera garbia da, baina aurrelariak txarto jo du baloia, eta indar gabe iritsi zaio Unai Simoni. Minutu bat ez da pasatu, eta baloia beste arean dago. Oscar de Marcos ondoko marrara arte iritsi da, eta haren erdiraketa sareetara bidali du Gorka Guruzetak buruz. Pozez lehertu da San Mames. Handik bi minutura, zelaia zapaldu berri duen Asier Villalibrek baliatu egin du Cadizeko atzelari baten urruntze txarra buruz erremate gurutzatua egin, eta 2-0ekoa egiteko. Lehen goleko pozari lasaitasuna gehitu zaio Athleticeko teknikari, jokalari eta zaleen artean. Oraingoan ez da berriro gertatuko. Athleticek ez du zelai utziko ondo jokatu eta galduta. Iñaki Williamsek luzapenean sartutako hirugarren golak taldeak neurketan zehar egindako lana biribildu baino ez du egingo. 3-0. Merezita irabazi du Athleticek. «Athletic gehiago izan da. Partida txarra jokatu dugu; ez dugu lehiatu». Sergio Gonzalez Cadizeko entrenatzaileak ahobizarrik gabe hitz egin du neurketa amaitu berritan. Ez zaio arrazoirik falta. Bere taldeak ez du gauza handirik egin, baina neurri handi batean, Athleticen meritua izan da. Zuri-gorriei kosta egin zaie neurketari neurria hartzea. Cadiz atzean sartu da eta Athletic ez da kapaz izan gustuko duen erritmo biziarekin jokatzeko. Iñigo Ruiz de Galarreta izan da erasoan argitasuna duen jokalari bakarra. Eibartarrak partida handia osatu du, eta zaleek zutik agurtu dute Ernesto Valverdek aldatu zuenean. Zuri-gorrien jokoa ez da izan erauntsi bat, eta, hala ere, lau aukera garbi izan ditu atsedenaldira iritsi aurretik: lehena, Guruzetak. Aurrelariak atezainaren eskuetara errematatu du Galarretak ateratako falta bat. Lehen aukera huts egin arren, partida bikaina jokatu du aurrelari donostiarrak. Lehen bost jardunalditan hiru gol egin ditu, eta egonkortzen ari da gorengo mailan. Bigarren aukera garbia Oihan Sancetek izan du. Alex Berenguerrek ezker hegaletik egindako erdiraketa langara bidali du buruz. Hirugarren abisua Berenguerrek areaz kanpotik egindako jaurtiketa indartsua izan da. Zutoin ondotik kanpora joan da nafarraren ahalegina. Eta aurreneko zatia amaitzear zela, Sancetek baliatu egin du area barruan egon zen jokaldi nahasi bat, baloia hartu, eta langara jaurtitzeko. Bigarren zatia ere ildo beretik hasi da: Athletic erasora, eta, Cadiz, ahal duen moduan eusten. Neurketako bosgarren abagune garbia Guruzetak izan du. Area ertzetik egin duen errematea Iza Carcelenek atera du goleko marraren gainean. Sinestea ere kosta egiten zen. Hortik aurrera gertatu dena esanda dago. Cadizek huts egin du bere aukerarik onena, eta ondoren etorri dira zuri-gorrien golak. Athleticen bigarren garaipena da jarraian etxean; hiru partida jokatu ditu bere zaleen aurrean. Hamar punturekin, sailkapenaren goiko postuetan jarri da. Denboraldia hasi baino ez da egin, baina puntuak pilatzea baino sendagai hoberik ez dago denboraldiaurreko ezkortasunari aurre egiteko.
2023-9-16
https://www.berria.eus/albisteak/232872/lehen-urratsa-hibaikak-eta-san-pedrok-egin-dute.htm
Kirola
Lehen urratsa Hibaikak eta San Pedrok egin dute
Hibaikak eta San Pedrok bi segundoko aldea atea dute Bermeon
Lehen urratsa Hibaikak eta San Pedrok egin dute. Hibaikak eta San Pedrok bi segundoko aldea atea dute Bermeon
Emakumeen erlojupekoak eman dio hasiera kanporaketen asteburuari. Hiru ontzi besterik ez, baina maila antzekoan espero ziren eta hala izan da. Itsasoan izanik, Bermeoko estropada jotzen zuten talde gehienek asteburuko estropada garrantzitsuen bezala. Baina Bermeoko urek ez dute protagonismo hori eraman. Ura bare-bare egon da, eta haizeak ez du gehiegi gogaitu. Arraunean egiteko eremu erosoa. Egoera horretan, Euskotren ligako seigarren sailkatua hasi da lehen. Hibaikak elegitea jarri zuen, kanporaketa hauek jokatzearekin ez zeudelako ados, baina ostegunean ezezkoa jaso, eta amorrua arraunean islatu behar izan dute. Hasieratik erritmo altuan aritu dira, eta arraunkera sendoa erakutsi dute Iñaki Mendizabalek zuzentzen dituen arraunlariak. Ondoren, Kaiku atera da. ETE ligako garaileak, denboraldian erakutsitako joerari jarraipena eman nahi izan dio, eta bere maila eman dute. Azkenik Zumaia. Telmo Deunak, Kontxako Banderan bizitako momentu gozoari segida emateko intentzioarekin heldu da Bermeora. Lehen luze indartsua egin, eta ziabogan, Hibaikak 5.27ko denbora ezarri du. Jarraian Kaiku iritsi da, eta denbora berbera errepikatu du. Begiradak Zumaiko traineruan zeuden, denbora parekotasun horretara batuko ote zen jakiteko. Baina Telmo Deunak segundo bat gehiago behar izan du. Bigarren luzea, eta dena erabakitzeko. Hibaikak ez du zalantza egin, eta segituan ireki du tartea aurkariekin. Segundo bat Kaikuren aldean, eta bi Zumaiarekin. Helmuga 10.51an egin du Hibaikak. Kaikuk estutu egin du azken txanpan baina ez du errenteriako taldearen denbora hobetu, eta bi segundo pasatxora heldu da. Zumaia denbora hobetzear zegoen, eta hustu egin dira hirugarren postua saihesteko. Baina ez dute lortu eta 10.55era iritsi da traineru gorria. Hiru ontziak lau segundo eskasean daude, eta Kontxako Banderan erakutsi duten maila errepikatu dute. Hibaikak pausoa eman du, baina ezin dira fidatu. Ustekabea Santurtzik Gizonetan sekulako berdintasuna ikusi da, itsasoaren egoeraren mesedeetan. Baina berdintasun horretan, eta denen ezusterako, Santurtzik egin du erlojupekoko proba motelena. Eusko Label ligako traineruak, besteen aldean, faboritismo puntu argi bat zuen, baina ez du hori erakusten jakin. Historiaren beste aldean, Sanpedrotarra. Asier Carballedak zuzentzen duen taldeak, estropada izugarria egin du, eta bost traineruetako azkarrena izan da. Estropada hasi orduko, erreferentzien arteko gerra izango zela argi geratu da. lehenik, Galiziako bi ontziak atera dira: Ares eta Bueu. Ondoren Lapurdi, Santurtzi eta San Pedro. Lehen balizan, ia denbora berdinak kalkatu dituzte, baina aurrea Santurtzik zuen. Bigarrenerako, ordea, Sanpedrotarra gailendu da, Santurtziri lau segundo aterata. Lan erdiak pasata, hegan egiten hasi da Libia, eta denborak hobetuz joan da. hala ere, beste lau ontziak segundo erdian zeuden. Hirugarren ziabogan, 15.07ko denbora egin du ontzi moreak, eta Sotera zazpi segundora jarri du. Ordurako, Santurtzi ez zen ezta bigarren ontzia ere, eta sailkapenean ondoratzen joan da. Azkenean, San Pedrok eraman ditu bost puntuak. Bigarren Bueu izan da, bi segundora, hirugarren Ares laura, laugarren Lapurdi zazpira, eta azkena Santurtzi zortzira. Egundoko kolpea jaso du Santurtzik, eta zaila izango du egoerari buelta ematea biharko estropadan. Bestetik, Sanpedrotarrak aukera ona izango du lidertza mantentzeko. Izan ere, ibaiko eremuetan oso ondo aritzen den taldea da, eta erlojupekoan gaur emandako maila erakutsi du denboraldi osoan zehar. Beste hiru ontziek ere badituzte aukerak, eta fokuetatik kanpo ustekabea ematen saiatuko dira.
2023-9-16
https://www.berria.eus/albisteak/232873/poelsentzat-izan-da-azken-etapa-menditsua-eta-kussek-vuelta-irabaziko-du.htm
Kirola
Poelsentzat izan da azken etapa menditsua, eta Kussek Vuelta irabaziko du
Herbeheretarrak bere legea ezarri du ihesaldi jendetsu batean, Evenepoeli esprinta irabazita. Faboritoek ez dute zirkinik ere egin, eta Kussek inongo arazorik gabe defendatu du lidergoa
Poelsentzat izan da azken etapa menditsua, eta Kussek Vuelta irabaziko du. Herbeheretarrak bere legea ezarri du ihesaldi jendetsu batean, Evenepoeli esprinta irabazita. Faboritoek ez dute zirkinik ere egin, eta Kussek inongo arazorik gabe defendatu du lidergoa
Jumbo Visma taldearen jolastokia izan da aurtengo Vuelta. Goitik behera gailendu zaie aurkariei, eta nagusitasun horren erakusgarri da taldeko hiru liderrek gaur helmugan eskaini duten irudia: elkarri helduta sartu dira Sepp Kuss, Jonas Vingegaard eta Primoz Roglic, bihar podiuma hirurek osatuko dutela ospatzen. Argazkiaren erdian Kuss zegoen, hura izango baita Vueltako irabazlea. Langileak gaina hartu die buruzagiei, eta haien aitorpena izan du gaur. Vueltak 20. etapa izan du, mendiko azkenekoa, eta faboritoen artean ez da borrokarik izan. Sailkapeneko lehen hiru postuak erabakita zeuden, eta Mikel Landa (Bahrain) eta Enric Mas (Movistar) ez dira saiatu Juan Ayusoren (UAE) laugarren postua kolokan jartzen. Hori horrela, etaparen lehiak piztu du ikusmina. Remco Evenepoel (Soudal) laugarren garaipena lortzen saiatu da, eta gertu izan du, baina iheslarien esprintean gehiago izan da Wout Poels (Bahrain). Herbeheretarrak bigarren garaipena du itzuli handi batean, eta biak aurten lortu ditu: Tourrean nagusitu zen lehenik, eta orain, arrastoa utzi du Vueltan ere. Langile engaiatu bat baino gehiago da Poels. Maila handia du, eta gauza handiak egiten ditu askatasuna ematen diotenean. Beste horrenbeste esan daiteke Kussen inguruan. Estatubatuarra uztarriari lotuta ibili izan da ia beti, baina etekina atera dio lasterketaren testuinguruari, eta bere ibilbideko lorpenik handienaren atarian dago. Azkeneko defentsa saioa izan du gaur, eta inolako arazorik gabe eutsi dio maillot gorriari. Bere taldeak erritmo lasaia ipini du tropelean, eta aurkariak ez zaizkio oldartu. Taldekideak ere ez; Vingegaardek eta Roglicek onetsi egin dute azkenean Kussen garaipena. Iheslariak, ordea, ez zeuden etapa oparitzeko. Azken aukera izan zezaketen tropelari iskin egiteko, biharko etapan esprinta espero baita. 31 txirrindulari ibili dira aurrea hartuta, eta begirada guztiak Evenepoelek bereganatu ditu. Itxura batean, hura zen ihesaldiko indartsuena, eta hori gutxi balitz bezala, hiru taldekide zeuzkan gurditik tira egiteko. Poels, baina, prest zegoen flandriarrari itzal egiteko, baita Marc Soler (UAE), Lennert Van Eetvelt (Lotto), Lennard Kamna (Bora), Lenny Martinez (Groupama), Romain Bardet (DSM), Hugh Carthy (Education), Pelayo Sanchez (Burgos) eta Rui Costa (Intermarche) ere. Goi-mailako ihesaldia izan da. Hirugarren mailako hamar igoera gainditu behar zituzten, eta azkenekoan, San Lorenzo de El Escorialen, puskatu da lasterketa. Poelsek erasora jo du, eta hasiera batean, ezinean gelditu da Evenepoel. Pilatutako nekearen ondorio izan zitekeen. Alabaina, atzetik aurrera egin du, eta Poels, Sanchez, Van Eetvelt eta Solerrekin bat egin du tontorretik igaro eta gutxira. Bost txirrindulariren artean jokatu dute garaipena, eta Poels izan da esprinta abiatzen lehena. Oso urrutitik jo du, baina eutsi egin dio abiadurari, baita suziria bezala gainera etorri zaion Evenepoeli ere. Hirugarren Sanchez izan da. Mas, Ayuso eta Landa 10.21era iritsi dira helmugara, eta hamasei segundo geroago azaldu da Jumbo taldeko hirukotea, Vueltan egin duten balentria ospatzen. Gozatua hartuko dute bihar ere, Madrilgo podiumean. Kussek hamazazpi segundo aterako dizkio Vingegaardi, eta 1.08 Roglici. Landak bosgarren bukatuko du, 4.03ra.
2023-9-16
https://www.berria.eus/albisteak/232874/irango-indarrek-aminiren-aita-behin-behinean-atxilotu-dute-hilketaren-urteurrenean.htm
Mundua
Irango indarrek Aminiren aita behin-behinean atxilotu dute, hilketaren urteurrenean
Iran Human Rights GKEak salatu du Teheranek galarazi egin diola 22 urteko gazte kurduaren familiari Aminiren aldeko omenaldia jendaurrean egitea. Iranen menpeko Kurdistanen greba orokorra eta protestak egin dituzte.
Irango indarrek Aminiren aita behin-behinean atxilotu dute, hilketaren urteurrenean. Iran Human Rights GKEak salatu du Teheranek galarazi egin diola 22 urteko gazte kurduaren familiari Aminiren aldeko omenaldia jendaurrean egitea. Iranen menpeko Kurdistanen greba orokorra eta protestak egin dituzte.
Urtebete da Mahsa Amini 22 urteko kurdua hil zela, Teheranen, beloa «gaizki jarrita» eramateagatik atxilotuta egon ondotik. Bada, hilketaren urteurrenean, Irango agintariek galarazi egin diote haren familiari Aminiren aldeko omenaldia jendaurrean egitea. Are, Iran Human Rights GKE gobernuz kanpoko erakundeak salatu duenez, estatuko indarrek gaztearen aita Amjad Amini atxilotu dute behin-behinean, eta ez diote utzi alabaren hilobia bisitatzen. GKE horrek erantsi du Aminiren etxearen ingurua poliziaz josita egon dela egun osoan, Saqezen, Iranen menpeko Kurdistanen. IRNA Irango agentzia ofizialak, aldiz, ukatu egin du Amjad Aminiren atxiloketa, eta adierazi albiste horren helburua dela herritarrak kalera ateratzea. Hain zuzen, Iranengo Kurdistango hamahiru hiritan greba orokorra eta protestak egin dituzte gaur, zenbait eragilek eta alderdi politikok deituta, Hengaw Giza Eskubideen GKEak sare sozialean zabaldutako informazioaren arabera. Nazioartean ere izan dute gogoan Aminiren heriotzaren urteurrena, eta mobilizazioak egin dituzte; besteak beste, Australian, Japonian, Turkian edota Alemanian. Mobilizazioei erantzunez, Irango Guardia Iraultzaileak hainbat militar bidali ditu Mahsa Aminiri lur eman zioten Aichi hilerrira. Kurdistanen bakarrik ez, Teheran eta Karaj hirietako kale nagusiak istiluen aurkako agentez bete dira. «Aminiren heriotza herrialdean ezegonkortasuna sortzeko aitzakiatzat hartu nahi dutenek, badakigu zer gertatuko zaien», esan zuen Irango presidente Ebrahim Raisik NBC telebista katean, urteurrenaren bezperan. Agintariaren ohartarazpenarekin batera, Irango Botere Judizialak ziurtatu zuen «eraginkortasunez» jokatuko zutela protesten aurrean: «Zerbitzu sekretuko langileak erne dabiltza». Amini Teherango metro batetik irten zen iazko irailaren 13an, burua zapi beltz batez estalia zeramala. Harik eta Irango hiriburuko Polizia patruila batek inguratu zuen arte. Moralaren Poliziako kideak ziren: 1979ko Irango Iraultza Islamikoaz geroztik irandarren eguneroko bizitza arautzen duten janzkera eta portaeraren arau islamikoak betearazteaz arduratzen direnak. Poliziak Amini atxilotu zuen beloa «gaizki jarria» zuelako, eta komisariara eraman zuen. Poliziaren arabera, egun hartan bertan bihotzeko bat izan zuen, eta irailaren 16an hil zen, hiru egunez koman egon ostean. Gurasoek argi utzi zuten ez zuela osasun arazorik atzeman aurretik, eta salatu zuten «jasandako torturen ondorioz» hil zela. 500dik gora hildako Heriotzak haserre olatua eragin zuen Iranen eta batez ere herrialde horren menpeko Kurdistanen, azken lau hamarkadetan agintean dagoen sistemaren aurka egiteko. Emakume gazteek zein helduek protesten lidergoa hartu zuten, eta Emakumea, bizitza eta askatasuna leloak oihartzun handia izan zuen munduan, baita Heriotza diktadorea-k ere, Ali Khamenei Irango buruzagi gorenari zuzenduz. GKEek salatu zutenez, Polizia «guztiarekin» oldartu zitzaien, manifestariei zuzenean eraso egiteko eta protestak zapaltzeko; besteak beste, borrak, negar gasa, ur kanoiak, gomazko balak eta benetako munizioa erabiliz. Giza eskubideen aldeko gobernuz kanpoko erakundeen arabera, liskarrak hasi zirenetik estatuko indarrek gutxienez 500 manifestari hil zituzten —tartean, 70 adingabe—, eta milatik gora atxilotu. Azken horietatik sei exekutatu egin zituzten, eta bat, jendaurrean.
2023-9-16
https://www.berria.eus/albisteak/232875/etxean-jantzi-dute-txapela.htm
Kirola
Etxean jantzi dute txapela
Urdaibaik estropada eta liga irabazi ditu etxean. Bigarren postuaren borrokan, Zierbenak bi puntu kendu dizkio Hondarribiari
Etxean jantzi dute txapela. Urdaibaik estropada eta liga irabazi ditu etxean. Bigarren postuaren borrokan, Zierbenak bi puntu kendu dizkio Hondarribiari
Kontxako Banderatik etorri, kanporaketak hasi, eta bazirudien Eusko Label liga amaituta zela, baina azken bi jardunaldiak falta ziren. Bermeoko ikurrina beti da berezia, eta aurtengoak ere bazuen bere zeresana. Hain zuzen, Kontxako garaileak, etxean liga irabazteko aukera zuen. Bederatzigarrena litzateke Urdaibairentzat, eta laugarren aldia Kontxa eta liga urte berean irabazita. Ezingo luke inork istorio politago bat idatzi, eta lana bikain eginda festa biribila izan da etxeko taldearentzat. Estropada irabazi, eta hala ere karanbola gertatzera itxaron behar zuela ematen zuen, baina Hondarribiak maila kaskarra erakutsi, eta ez da aurkari izan. Harrotasun handiarekin, eta denboraldi osoan erakutsitako nagusitasunez, Urdaibaik Eusko Label ligako txapela jantzi du. Ohorezko txanda, ohi bezala hasi da. Donostiarrak dena eman du lehen metroetan, eta segika izan ditu aurkariak lehen metroetan. Baina normalean, lehen txanpa indartsu horrek ez dio gehiegi irauten. Gaur, ordea, ederki eutsi dute hasieran jarritako erritmoa. Urdaibai eta Zierbenak tartea mantendu dute lehen ontziarekin, eta parean izan dira lehen luzean. Hondarribia aldiz, atzean geratzen hasi da. Ama Guadalupekoak, ahultasunaren lehen zantzuak erakutsi ditu hasiera horretan. Lehen ziabogan, Donostiarra eta Urdaibai denbora berean atera dira, eta Zierbenak atzetik jarraitu ditu hiru segundora. Gerora Hondarribia, bostera. Bigarren luzean ere, maila berbera erakutsi dute lau ontziek, eta tarteak mantendu egin dira. Bigarren balizan, Donostiarrak bere kaleari ondo eutsi dio, ateratzeko kale ona zuten eta. Urdaibaik ez du amore eman, eta berriro ere parean eutsi dio Donostiarrari. Bitartean, Hondarribia atzean geratzen ari zen, ia hamabost segundora. Itsasoa zikintzen joan da estropada amaieran, eta denborak errekuperatzeko aukera gutxitzen joan da lau traineruentzako. Urdaibaik festa nahi zuen, eta Donostiarrak hori zapuztu. Baina Urdaibai ez da edozein aurkari, eta Donostiarrak lehen pertsonan jasan du haien erasoa. Azken luzean jo du Bou Bizkaiak, min gehien egiten duen momentuan. Segituan atera dizkio bi segundo Torrekuari. 500 metroren faltan, Urdaibaik bost segundoan ireki du errenta, eta beste liga bat sartu dute zakuan. Garaipena erabakita, bihar bigarren postua zehaztuko da. Hondarribiak ahultasuna erakutsi du, eta Zierbenarekiko zuen hiru puntuko tartea batera murriztu dute. Lehen txandan, Oriok eraman du garaipena, eta estropadako laugarren ontzia izan da. Hasiera aldapa gora izan zen Jon Salsamendiren arraunlarientzat, baina ligak aurrera egin ahala, emaitza hobeak lortzen joan da. gaur, hasieratik nagusi izan dira haien txandan, eta agian, denboraldian zehar erakutsi zezaketen maila aurkeztu dute. Bigarren Getaria izan da, 12.59 segundora, Hirugarren Cabo 19.38ra, eta laugarren Isuntza 38.90ra.
2023-9-17
https://www.berria.eus/albisteak/232906/san-pedro-eta-bueu-eusko-label-ligan-lehiatuko-dira-datorren-denboraldian.htm
Kirola
San Pedro eta Bueu Eusko Label ligan lehiatuko dira datorren denboraldian
Mailaz jaitsiko da Santurtzi. Hibaikak, berriz, Euskotren ligan jarraituko du. Eusko Label ligan, Zierbenak irabazi du denboraldiko azken estropada.
San Pedro eta Bueu Eusko Label ligan lehiatuko dira datorren denboraldian. Mailaz jaitsiko da Santurtzi. Hibaikak, berriz, Euskotren ligan jarraituko du. Eusko Label ligan, Zierbenak irabazi du denboraldiko azken estropada.
Amaitu da arraun denboraldia, eta argitu dira kontuak: jakina da jada datorren urtean zein traineru izango diren Eusko Label eta Euskotren ligetan. Gizonezkoetan, San Pedro maila nagusira itzuliko da lau urteren ostean, eta lehen aldiz lehiatuko da han Bueu ontzi galiziarra. Emakumezkoetan, mailari eustea lortu du Hibaikak, gaur Portugaleten (Bizkaia) izan den estropadan. Eusko Label ligan ziurra zen jada Urdaibairen garaipena —bermeotarrek atzo irabazi zuten liga matematikoki, etxeko estropadan—, baina jokoan zegoen oraindik bigarren postua, Zierbenaren eta Hondarribiaren artean. Hura ere Bizkaian geratu da: estropada bikaina egin du gaur Zierbenak, eta sari bikoitza lortu du, bandera eta bigarren postua poltsikoratuta. Bigarren izan da Hondarribia, hamabi segundora. Eguneko lehen estropadan, Euskotren Ligara igotzeko kanporaketan, atzoko garaipena errepikatu du Hibaikak. Ziabogara arte eutsi dio Zumaiak, baina itzulerako luzean hobea izan da Madalen. Helmugan zazpi segundo atera dizkio Zumaiari, eta zortzi Kaikuri. Eusko Label ligara igotzeko kanporaketan, nagusitasuna erakutsi du San Pedrok, atzoko garaipena errepikatuta. Estu egon da, ordea, bigarren posturako borroka. Bigarren postuan berdinduta geratu dira Bueu eta Lapurdi, baina, bi egunetako denborak batuta, 2.62 segundo gutxiago behar izan dituzte galiziarrek lanak amaitzeko. Horrek eman die igoera. Santurtzik maila galdu du. Sari bikoitza Eusko Label Ligako azken estropadan, berriz, Zierbenak astindu du Portugaleteko bandera, eta, horri esker, sailkapen nagusiko bigarren postua eskuratu du. Puntuetan, Hondarribiarekin berdinduta amaitu dute, baina bandera gehiago lortu dituztelako eskuratu dute bigarren postua. Lau astindu ditu Zierbenak, eta bi Hondarribiak. Horretarako, lehen kaletik arraun egitearen abantaila baliatu dute bizkaitarrek. Estropadaren hasieratik amaierara arte izan dira aurretik, eta hamabi segundoko tartea atera diote bigarren kalean lehiatu denari, Hondarribiari.
2023-9-17
https://www.berria.eus/albisteak/232907/osasunak-galdu-egin-du-getafen-azken-minutuetan-gola-sartu-baitiote.htm
Kirola
Osasunak galdu egin du Getafen, azken minutuetan gola sartu baitiote
Maksimovitxek 86. minutuan sartu du garaipenaren gola, buruz. Osasunaren golak Iker Muñozek eta Budimirrek sartu dituzte.
Osasunak galdu egin du Getafen, azken minutuetan gola sartu baitiote. Maksimovitxek 86. minutuan sartu du garaipenaren gola, buruz. Osasunaren golak Iker Muñozek eta Budimirrek sartu dituzte.
Osasunak ez du punturik lortu Getafen. Etxeko taldeak hiru gol sartu dizkio buruz, bi geldikako jokaldietan, eta Iker Muñozen eta Budimirren golak ez dira nahikoa izan. Bartzelonaren aurkakoaren ostean, Osasunak bigarren porrota du jarraian. Lehen ordu erdia geldoa izan da. Bi taldeak euren zelaian sendo zeuden, eta arrisku gutxi sortu dute erasoan. 36. minutuan iritsi da neurketa aztoratu duen jokaldia: Mitrovitxek buruz errematatu du korner bat, indartsu, eta Sergio Herrerak ezin izan du ezer egin. Osasuna, ordea, zertxobait hobea izaten ari zen, eta atsedenaldiaren aurretik jaso du saria. Iker Muñoz izan da golegilea. Lehen zatia amaitu bezala hasi da bigarrena, bi golekin. Lehenengoa, buruz, Carmonak etxekoentzat; bigarrena, penaltiz, Budimirrek bisitarientzat. Kroaziarrari berari egin dio penaltia David Soria atezainak. Bi taldeetako bat ere ez da, ordea, berdinketarekin konformatu, eta erasora jo dute biek. Azken minutuetan, aldaketei esker, hobea izan da Getafe, eta nagusitasun hori markagailura eramatea lortu du. Maksimovitxek sartu du gol erabakigarria, 86. minutuan, buruz, beste korner bat errematatuta. Moi Gomezek izan du neurketa berdintzeko aukerarik onena, 96. minutuan, baina gutxigatik kanpora joan zaio jaurtiketa. Sailkapen nagusiari dagokionez, behin-behinean hamabigarren da Osasuna. Datorren larunbatean Sevilla jasoko du Sadarren (16:15, Dazn). Getafe: Soria; Damian, Duarte (Arambarri, 61'), Mitrovitx, Gaston (Diego Rico, 88'); Djene, Maksimovitx, Carmona (Aleña, 61'), Mata (Oscar, 61'); Mayoral eta Latasa (Greenwood, 77'). Osasuna: Herrera; Ruben Peña (Areso, 88'), David Garcia, Herrando, Juan Cruz; Iker Muñoz, Moi, Oroz (Ibañez, 79'); Avila (Ruben Garcia, 68'), Barja (Arnaiz, 68') eta Budimir (Raul Garcia, 79').
2023-9-17
https://www.berria.eus/albisteak/232908/eajk-alderdi-indartsua-batua-eta-ondo-kokatua-aldarrikatuko-du-alderdi-egunean.htm
Politika
EAJk «alderdi indartsua, batua eta ondo kokatua» aldarrikatuko du Alderdi Egunean
Irailaren 24an ospatuko dute, Forondan. Gaur aurkeztu dute.
EAJk «alderdi indartsua, batua eta ondo kokatua» aldarrikatuko du Alderdi Egunean. Irailaren 24an ospatuko dute, Forondan. Gaur aurkeztu dute.
EAJk iraileko azken igandean ospatuko du 47. Alderdi Eguna, Forondan (Araba), Batzen gaituen eguna lelopean. Han aldarrikatuko dute «EAJ indartsua» behar dela, «Euzko Alderdi Jeltzale batua, ondo kokatua Euskadiko taula politikoan, baina baita Estatuan eta Europan ere». Izan ere, jeltzaleen iritziz, «garai politiko esanguratsuak» dira. Gaur aurkeztu dute ekitaldia Mireia Zarate EBB Euzkadi Buru Batzarraren idazkariak eta Julen Antoñana EGIko kideak. Alderdikideei Forondan biltzeko deia egin diete, eta azaldu dute hautatu duten leloaren zergatia: «Alderdi Eguna delako EAJ euskal hiritargoaren ongizatea bermatzeko eta gorenera eramateko tresnarik eraginkorrena dela sinesten dugunok batzen gaituen lokarria, aurrera egiten jarraitzeko Euskadi gure nazioaren askatasun osorako bidean». Espainiako hauteskundeetan ez zituen emaitza onak lortu EAJk, eta gogorarazi dute epe laburrean erronka garrantzitsuak dituztela. «Madrilgo Gobernua eratzeko negoziazioez gain, legealdiaren amaiera izango dugu Euskadin, datorren udaberrian euskal hauteskundeak izango baititugu», gogorarazi dute. Horregatik, alderdia indartsu behar dutela aldarrikatu dute. «Hauteskunde hauetan EAJ euskal gizartearen aurrean aurkeztuko da apaltasun osoz, baina bere konfiantza berriz ere eskatzeko anbizioarekin, herri hau lideratzen jarraitzeko eta Euskadi, egunez egun, bizitzeko eta elkarrekin bizitzeko gero eta toki hobea egiten jarraitzeko». Jaia eta ospakizuna Irakurketa politikoaz egiteaz gain, irailaren 24an Forondan antolatu duten ekitaldiaren xehetasunak ere eman dituzte. Ekintza ugari izango dira «adin guztietako lagunentzat eta zaletasun guztietan pentsatuta»: puzgarriak, rokodromoa, tirolina, paintballa, herri kirolak, erromeria, disko festa... Jeltzaleen arabera, «aurtengoan ere zenbakiak benetan ikusgarriak dira»: «90 boluntariok hiru aste daramate lanean jai handi hori antolatzen. Alderdi Egunak 400.000 metro koadroko zabalera hartuko du, 130.000 metro koadroko zabalera hartuko du jaiguneak, 25.000 metro koadroko zabalera hartuko dute karpek, eta gainerakoa aparkalekuetarako eta zerbitzuetarako erabiliko dugu. 22 txosna eta 140 jantoki instalatuko dira, eta 20.000 bazkari emango dira».
2023-9-17
https://www.berria.eus/albisteak/232909/sepp-kussek-irabazi-du-jumboren-espainiako-vuelta.htm
Kirola
Sepp Kussek irabazi du Jumboren Espainiako Vuelta
Jonas Vingegaard eta Primoz Roglic taldekideek osatu dute podiuma. Kaden Grovesek (Alpecin) irabazi du azken etapa, Madrilen. Ez da lehia handieneko Vuelta izan, baina eman du zeresana.
Sepp Kussek irabazi du Jumboren Espainiako Vuelta. Jonas Vingegaard eta Primoz Roglic taldekideek osatu dute podiuma. Kaden Grovesek (Alpecin) irabazi du azken etapa, Madrilen. Ez da lehia handieneko Vuelta izan, baina eman du zeresana.
Espainiako Vueltako liderraren elastikoa gorria da, baina aurten horiz jantzita igo dira podiumera lehen hiru sailkatuak: Jumbo Visma taldeko Sepp Kuss, Jonas Vingegaard eta Primoz Roglic. Juan Ayuso (UAE) izan da laugarren, eta Mikel Landa (Bahrain) bosgarren. Azken aldiz 2019. urtean sailkatu zen euskal txirrindulari bat Vueltako lehen hamarren artean; Mikel Nieve, 10. postuan. Aurtengo Vuelta ezustekoz betea izan da, zeresan handia eman du, eta hainbat datu deigarri ere utzi ditu. Ezustekorik handiena, agian, Sepp Kussen balentria izan da: estatubatuarra historiako bigarren txirrindularia da urte berean hiru asteko hiru itzuliak amaitu eta bat irabaztea lortu duena. Orain arte hori lortu zuen bakarra Gastone Nencini italiarra zen; 1957an Giroa irabazi zuen, Vueltan bederatzigarren izan zen, eta Tourrean, seigarren. Kussek ez ditu horren postu onak lortu beste itzulietako sailkapen nagusietan —nahiz eta Tourrean 12. izan zen—. Baina, beste era batera, esan daiteke hiru itzuli handietan izan dela irabazle: hirurak Jumbo taldeak irabazi ditu, eta hiruretan izan da Kuss tartean. Vueltan, gainera, ustezko bi taldeburuak izan ditu ondoan podiumean. Podiumetik kanpo alboan izan dituen edo ez esatea, hobe tertulietarako uztea. Madrilen, talde bereko hiru ziklistak bete dituzte itzuli handi bateko podiumeko postu guztiak 1966. urtetik lehenbizikoz. Marka hori euskal talde batek lortu zuen Espainiako Vueltan: Arabako Kas taldeak. Patxi Gabikagogeaskoa izan zen irabazle, Eusebio Velez bigarren, eta Carlos Etxeberria hirugarren. Jumboren aurtengoa, ordea, errepikatzeko zaila da, urte berean Tourra eta Giroa irabazi duten ziklistak ere igo baitira podiumera. Emakumezkoetan berrikiago gertatu da talde berekoek betetzea podiuma, Giroan bi bider: 2021ean, Anna Van Der Breggen garaile eta SD Worxeko bi kide podiumean; eta 2014an, Marianne Vos garaile, eta Rabobankeko bi kide podiumean. Grovesek hiru Vueltako azkeneko etapa ez da ohiko paseoa izan. Hein handi batean, lasterketari gatza eta piperra jarri dion txirrindulariari esker: Remco Evenepoel (Lotto). Hiru etapa irabazi ditu, mendiko puntuen sailkapenean nagusi izan da, eta hari eman diote Vueltako txirrindulari lehiakorrenaren saria ere. Gaur ere garaipenaren bila ibili da, eta bera buru zuen ihesaldia helmugaraino heldu da. Han, Kaden Groves (Alpecin) izan da azkarrena, Filippo Gannaren (Ineos) eta Nico Denzen (Bora) aurretik. Horrek utzi du beste datu bat: 2005etik ez zen ihesaldi bat ailegatu itzuli handi bateko azken etapako zirkuituetan, Aleksandr Vinokurovek Tourrean Eliseo zelaietan irabazi zuenetik. Gainontzean, talde onenaren sailkapenean Jumbo izan da nagusi —nor bestela—, eta gazte onena Ayuso izan da. Grovesentzat izan da erregularrenaren elastiko berdea.
2023-9-18
https://www.berria.eus/albisteak/232910/real-madrili-bernabeun-irabazteko-aukera-galdu-du-realak.htm
Kirola
Real Madrili Bernabeun irabazteko aukera galdu du Realak
Lehen zatian erabat nagusitu dira txuri-urdinak, eta gol batekin aurreratu, baina bigarrenean indarrik gabe geratu dira, eta, azkenean, galdu egin dute.
Real Madrili Bernabeun irabazteko aukera galdu du Realak. Lehen zatian erabat nagusitu dira txuri-urdinak, eta gol batekin aurreratu, baina bigarrenean indarrik gabe geratu dira, eta, azkenean, galdu egin dute.
Ilusioa piztu, eta, gero, zaleak zapuztu. Mingarriagoa da porrota, irabaziko zenuela sinistu duzunean. Horra Realak bart Madrilen eginikoaren kronikaren laburpena. Lehen zatian jaun eta jabe izan ziren donostiarrak, eta, gainera, jakin zuten markagailuan aurreratzen. Baina partidaren bigarren zatian, etxekoek erreakzionatu egin zuten, eta ez zuten barkatu. Ekaitza bezala atera zen Reala Santiago Bernabeu estadiora. Indar guztiak aurrealdean jarri zituen, eta, horrek arriskua badu ere, Imanol entrenatzailearen apostua ondo atera zen. Lau minutu baino ez zituzten behar izan donostiarrek Madrilen atea zulatzeko. Kubok aurreraturiko baloi bat atera jaurti zuen Barrenetxeak. Ez zuen asmatu lehenengoan, baina bigarrenarekin zurien sarea zulatu zuen. Eta enbata ez zen baretu, gainera. Beste bi aukera argi izan zuenr Realak hurrengo hamar minutuetan. Kubok jaurtiketa arriskutsua egin zuen, baina Oiartzabalen jokoz kanpoan baliogabetu zuen aukera. Beste aukera bat izan zuen japoniarrak gero. Baina, noski, espainiarrak esnatu egin ziren haizearekin. Berehala ulertu zuten Realaren erasoaldiek ahuldu egiten zutela haien defentsa, eta horretaz baliatzea erabaki zuten. Joseluk ateko makila luzearen kontra bota zuen baloi bat, eta beste aukera bat eduki zuen gero Rodrygok. Hori ikusita, defentsa indartzea erabaki zuen Imanolek, Zubimendirekin. Eta ondo atera zen, atzean lasaiago ibili zirelako, Kubok aurrean arriskua sortzen jarraitzen zuen bitartean. Baina ez zuten lortu zurien atea berriz zulatzea, eta hori erabakigarria izan zen gero. Bigarren zatian, buelta Lehenengo zatiaren ispilua izan zen bigarrena. Lehenengoan Reala berehala aurreratu bazen ere, minutu bat ere ez zuen behar izan Real Madrilek gola sartzeko, Valverderen jaurtiketa gogor baten bidez. Lehenengo 45 minutuetan eginiko lana ordaindu zuten donostiarrek. Kubo-Barrenetxea tandemak indarra galdu zuen, eta horrek arriskua sortzeko aukerak ito zituen. Madrilek ez zuen barkatu. Joseluk buruz sartu zuen zuriei garaipena eta hiru puntuak eman zizkion gola. Zakharyan, Cho eta Sadiq zelairatu zuen, erretako kartutxoak freskatzeko, baina ordurako berandu zen, eta jokalariak zein zaleak etxera joan ziren. Ez da bekatua Real Madrilen aurka galtzea haien etxean, baina mingarria da, merengea jateko zorian egon zarenean, azkenean, afaldu gabe oheratzea.
2023-9-18
https://www.berria.eus/albisteak/232911/gizon-bat-atxilotu-dute-tuteran-bikotekideari-erasotzea-egotzita.htm
Gizartea
Gizon bat atxilotu dute Tuteran, bikotekideari erasotzea egotzita
Biktima 23 urteko emakume bat da, eta zauri bat du besoan
Gizon bat atxilotu dute Tuteran, bikotekideari erasotzea egotzita. Biktima 23 urteko emakume bat da, eta zauri bat du besoan
Gizon bat atxilotu zuten atzo Tuteran (Nafarroa), bikotekideari arma zuri batekin erasotzea egotzita. 23 urteko emakumeak zauri bat du besoan, eta ospitalera eraman behar izan zuten. Ustezko erasotzailea Tuterako Foruzaingoan azaldu zen, atxilotu zezaten. Foruzaingoak erran duenez, SOS Nafarroak liskar baten berri eman zuen atzo 08:00etan. Agenteak iritsi zirenean, emakumeak zauri bat zuela ikusi zuten; arma zuri batekin egindakoa zirudien. Biktimaren anaia ere bertan zegoen, eta zauriak zituen eskuan. Antza denez, ustezko erasotzaileari arma kentzen ahalegindu zen. Ustezko erasotzailea ez zegoen bertan, baina 13:00 aldera Foruzaingoarengana joan zen.
2023-9-18
https://www.berria.eus/albisteak/232912/vermines-filmarekin-abiatuko-da-fantasiazko-eta-beldurrezko-zinemaren-donostiako-astea.htm
Kultura
'Vermines' filmarekin abiatuko da Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Donostiako Astea
Zinema jaialdia urriaren 27tik azaroaren 3ra egingo dute aurten.
'Vermines' filmarekin abiatuko da Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Donostiako Astea. Zinema jaialdia urriaren 27tik azaroaren 3ra egingo dute aurten.
Sebastien Vanice zinema zuzendariaren Vermines filmaren emanaldiarekin abiatuko da Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Donostiako 34. Astea. Sitgesko (Herrialde Katalanak) zinema jaialdian estreinatu zuen Vanicek bere aurreneko film luzea, eta urriaren 27an iritsiko da Donostiara. Kaleb da protagonista nagusia, animalia exotikoekin liluratuta dagoen gazte bat. Halako batean, armiarma pozoitsu bat erosiko du, baina, erosi eta berehala, ihes egin, eta animalia ugaltzen hasiko da. Poliziak Kaleb eta haren lagunak bizi diren eraikina itxiko du: irteera bat aurkitzea izango da bizirik irauteko aukera bakarra. Vermines filmaz gainera, honako film hauek proiektatuko dituzte, besteak beste: Blood (Brad Anderson), Cuando acecha la maldad (Demian Rugna), Cuando los amos duermen (Santiago Alvarado Ilarri), The Forbidden Play (Hideo Nakata) eta Sleep (Jason Yu).
2023-9-18
https://www.berria.eus/albisteak/232913/athleticeko-jokalariak-espainiako-bandera-kenduta-agertu-dira-fc-24-ko-txartelekin.htm
Kirola
Athleticeko jokalariak Espainiako bandera kenduta agertu dira 'FC 24'-ko txartelekin
Espainiako Ligaren babesle nagusia da EA Sports bideojoko enpresaren joko berria. Ligako jokalari guztiek erakutsi dituzte txartelak azken jardunaldian, baina Athleticekoenak ezberdinak izan dira.
Athleticeko jokalariak Espainiako bandera kenduta agertu dira 'FC 24'-ko txartelekin. Espainiako Ligaren babesle nagusia da EA Sports bideojoko enpresaren joko berria. Ligako jokalari guztiek erakutsi dituzte txartelak azken jardunaldian, baina Athleticekoenak ezberdinak izan dira.
Aurtengo denboraldirako babesle berria du Espainiako Ligak: FIFA bideojoko arrakastatsuaren ondorengoa, EA Sports FC 24 —FIFA Nazioarteko Futbol Federazioarekin zuen akordioa amaitu du EAk—. Han, jokalari bakoitzak txartel bat izaten du, non agertzen diren haren puntuazioa, postua, jokatzen duen liga, taldea eta nazionalitatea. Aste honetan, ligako bosgarren jardunaldian, FC 24-ren publizitaterako, txartel horiekin agertu dira jokalari guztiak neurketen aurretik. Athleticeko jokalarienak, ordea, ezberdinak izan dira. Txartel horiek jasotzen dituzten datuetako bat falta zuten: herritartasunarena. Zuri-gorrien filosofia dela eta, gaur egun lehen taldea osatzen duten jokalari guztiek Espainiako bandera izango zuten txartel horietan —ez dago Ipar Euskal Herriko jokalaririk—, Iñaki Williamsek izan ezik. Hark Ghanakoa izango luke, baina hura ere banderarik gabeko txartelarekin jarri zen kameren aurrean Cadizen aurkako partidaren aurretik, herenegun. Athleticek ez du erabakiaren nondik norakoen azalpenik eman, baina Espainiako hainbat kirol kazetariren arabera, klubak berak eskatu du txartelak banderarik gabekoak izan zitezela. Gainontzeko euskal taldeen txartelek izan dituzte banderak.
2023-9-18
https://www.berria.eus/albisteak/232914/eh-bilduk-laquomanifestazio-nazionaleraraquo-deitu-du-azaroaren-18rako-bilbon.htm
Politika
EH Bilduk «manifestazio nazionalera» deitu du azaroaren 18rako, Bilbon
Ordurako, «beste hauteskunde batzuetarako deia ala PSOEren eta Sumarren gobernu bat» egongo da Madrilen, eta koalizioko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik esan du «auzi nazionalen inguruan abiatu den eztabaidan egon behar duela Euskal Herriak ere». EAJko eta PPko ordezkariak elkartuko dira gaur, eta Estebanek berriro ezetza helaraziko die Feijooren inbestidura dela eta.
EH Bilduk «manifestazio nazionalera» deitu du azaroaren 18rako, Bilbon. Ordurako, «beste hauteskunde batzuetarako deia ala PSOEren eta Sumarren gobernu bat» egongo da Madrilen, eta koalizioko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik esan du «auzi nazionalen inguruan abiatu den eztabaidan egon behar duela Euskal Herriak ere». EAJko eta PPko ordezkariak elkartuko dira gaur, eta Estebanek berriro ezetza helaraziko die Feijooren inbestidura dela eta.
EH Bilduk «kalera» ateratzeko deia egin die herritarrei, azaroan 18rako, Bilbon. «Manifestazio nazionala» egiteko garaia dela uste du koalizioko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik, Espainian «eztabaida zentral bat» abiatu baita jada «lurraldetasunaren inguruan». Azaroaren 18rako Pedro Sanchezen gobernu bat egongo da Madrilen, ala hauteskundeak berriz egiteko dei bat. Hala ziurtatu du Otegik, eta herritarrak kalera ateratzeko garaia dela azaldu du, «arazo nazionalei irtenbide demokratikoa ematearen alde». Izan ere, koalizio abertzaleko buruak esplikatu du Espainiako eskuina eta eskuin muturra ez direla kalera aterako amnistiaren aurka soilik, «78ko erregimenaren alde baizik». Otegik dio euskal herritarrek «rol zentral bat» jokatu behar dutela abian den eztabaida garrantzitsu horretan, «eredu autonomikoa erabat agortuta» ikusten baitu, eta Sanchez Moncloara eramateko funtsezkoak izango baitira «indar plurinazionalak». Hori guztia kontuan hartuta deitu du manifestazio nazionalera EH Bilduk, «Euskal Herriak arazo nazionalentzako irtenbide demokratikoa» eskatu behar duelako, Otegiren ustez. Inbestiduraren itzalean Otegik erreparatu dien indar plurinazional horien artean dago JxCat, eta, gaur bertan amnistia eskatzeaz gain, Kataluniako gatazka politikoa gainditzeko aldebakartasunari uko ez egiteko helburua finkatu du, PSOErekin abian duen negoziazioari begira. Otegik esan du ez duela ezer esateko Puigdemont Generalitateko president ohiari, baina, oro har, baduela mezu bat: «Guk isiltasun zuhur bati eusten diogu. Artisau obra bat egiten ari gara, baina pilota PSOEren teilatuan dago. Hobe dugu zarata gutxi eta lan asko egiten badugu». EH Bilduk inbestidurako negoziazio horietan egin dituen eskaeren inguruko galderari erantzunez, koalizioko buruak ziurtatu du «ohiko politikan lerro gorriak» jartzea normala dela: «Ez da gure estiloa». PSOEko hautagai Pedro Sanchezen inbestidura saio horren aurretik, PPko hautagai Alberto Nuñez Feijoorena egingo da Espainiako Kongresuan, eta horri begira bilera bat egingo dute bihar Aitor Esteban EAJko Kongresuko bozeramaileak eta Cuca Gamarra PPko Kongresuko bozeramaileak. Berriro ezetza emango dio Espainiako eskuinari EAJko presidente Andoni Ortuzarrek, gaur bertan berretsi duenez, «baina beti hitz egin behar da», erantsi du. Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Ortuzarrek esan du ez direla «nahia eta errealitatea» nahastu behar, eta aditzera ema n du Sanchezen inbestidurako negoziazioak ez doazela EAJk nahi lukeen bezain azkar.«Urduritasun gerra bateko fasean» ikusten ditu negoziazio horiek EAJko buruak, eta gako bat eman du egoera ulertzeko: «Nork du beldur handiagoa hauteskundeak berriz egiteko?». Aldagai horrek jartzen die erritmoa negoziazioei, haren arabera. Batera edo bestera, Ortuzarrek ohartarazi dio PSOEri «soilik inbestiduraz» hitz egin nahi duela, «eta ez legealdiaz». Hau da, nabarmendu duenez, Sanchez Espainiako presidente egiteko, aurretik jakin behar dute zertarako nahi duen presidente izan. «Soilik eskuinak ez gobernatzea ez baita nahikoa arrazoi», Ortuzarren arabera. Euskal Herriko eta Kataluniako gatazkekin zer egin nahi duen azaldu behar duela erantsi du, EAJren babesa lortu aurretik.
2023-9-18
https://www.berria.eus/albisteak/232915/bizkaiko-ostalaritzako-langileak-greba-egitera-deituak-daude-berriro.htm
Ekonomia
Bizkaiko ostalaritzako langileak greba egitera deituak daude berriro
Bizkaiko Ostalaritza Elkartearen «immobilismoari» aurre egiteko, ELA, LAB, CCOO eta UGTk grebara deitu dituzte ostalaritzako langileak.
Bizkaiko ostalaritzako langileak greba egitera deituak daude berriro. Bizkaiko Ostalaritza Elkartearen «immobilismoari» aurre egiteko, ELA, LAB, CCOO eta UGTk grebara deitu dituzte ostalaritzako langileak.
Ekaineko greba egunek izan zuten arrakasta eta Bizkaiko Ostalaritza Elkartearen jarrera ikusita, ostalaritzako langileak grebara deitu dituzte ELA, LAB, CCOO eta UGTk. Greba deialdi berriak urriaren 4rako, 11rako eta 12rako dira. Irailaren 26an elkarretaratzera deitu dute, Bizkaiko Ostalaritza Elkartearen egoitza aurrean,11:00etan. Sindikatuek ateratako oharrean, salatu dute negoziazio mahaia blokeatuta dagoela oraindik, eta Bizkaiko Ostalaritza Elkartearen «immobilismoa» kritikatu dute. Elkartearen jarrera «erabat arduragabea» dela gaineratu dute, patronala eta sindikatuak otsailetik baitaramate bildu gabe. Bizkaiko ostalaritzako langileek ez dute soldata igoerarik izan 2020tik; ordutik, KPIa %12,9 igo da. Aldi baterako erregulazioak haien «egunerokoa» bihurtu direla gaineratu dute. Horrek, ezegonkortasuna ekarri du sektorera, eta enpresek egoera aprobetxatu dute «malgutasuna areagotzeko». Hitzarmen horrek kolektibitateen sektoreari ere eragiten dio. Baina sindikatuen hitzarmen propioa nahi dute, «eta patronalak ez du negoziatu nahi». Sektore horretan, gehienak kontratu prekarioak eta lanaldi partziala duten emakumeak dira. Gipuzkoako hitzarmenarekin alderatuz, 42 ordu gehiagoko lanaldia dute.
2023-9-18
https://www.berria.eus/albisteak/232916/blancok-uste-du-autogobernu-arloko-urkulluren-proposamena-laquoporroteraraquo-kondenatua-dagoela.htm
Politika
Blancok uste du autogobernu arloko Urkulluren proposamena «porrotera» kondenatua dagoela
EAk Urruñan ospatu du Alkartasun Eguna, eta EH Bilduren eta EH Bairen aldeko apustua berretsi du.
Blancok uste du autogobernu arloko Urkulluren proposamena «porrotera» kondenatua dagoela. EAk Urruñan ospatu du Alkartasun Eguna, eta EH Bilduren eta EH Bairen aldeko apustua berretsi du.
Eusko Alkartasunak Urruñan (Lapurdi) ospatu zuen atzo Alkartasun Eguna, Mugarik gabeko alkartasuna leloarekin. Eba Blanco idazkari nagusiak EH Bilduren aldeko apustua babestu zuen, eta adierazi egungo testuinguru politikoa baliatu behar dela «lurralde ereduari buruzko eztabaidan sakontzeko». Halere, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk autogobernuari lotuta egindako proposamena deitoratu zuen: «Uste dugu Urkulluren proposamena porrot egitera kondenatuta dagoela, eta berak hori badakiela». Blancok ildo kritikoarekin duen barne gatazkari erreferentzia eginda ekin zion bere mintzaldiari: «Proiektu politiko honi norabide guztietatik saiatu dira erasotzen, hura zokoratzen; baina ez dute lortu». Horiek hala, alderdiak EH Bilduren eta EH Bairen alde egindako apustua babestu zuen, «irekitzen» ari den ziklo politiko berrirako tresna egokiak direlakoan. EH Baik azken urteetan izandako gorakada eta EH Bilduk Nafarroako Parlamentuan duen posizioa jo zituen horren islatzat, eta gehitu zuen Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ere «EAJren hegemonia» kolokan jartzen ari dela koalizio subiranista: «Hauteskunde emaitza hauek ezin dira gau bateko amets goxoa izan. Zailena dugu aurretik, lortutako botoak kontsolidatzea eta jende gehiago gure proiektura erakartzea». EAJ bera izan zen Blancoren mintzaldiko protagonistetako bat. «Batzuk naziotasunean indarrak biltzen ari garen bitartean, zertan jolasten ari da EAJ? Espainia konbentzioekin seduzitzera», kritikatu zuen, Urkulluren «konbentzio konstituzionalerako» proposamenari erreferentzia eginda. Izan ere, jeltzaleei leporatu zien Eusko Jaurlaritzak mahai gainean dituen arazoak estaltzea dela «Madrilera begira» egindako proposamenaren helburua. Besteak beste, Osakidetzaren, Hezkuntzaren, Ertzaintzaren eta EITBko langileen egoera aipatu zituen. «Hau guztia politika egiteko eta gobernatzeko agortuta dagoen eredu baten isla da». Are gehiago, Blancok EAJri leporatu zion «eraikuntza nazionalaren inguruko proposamenak» hauteskunde testuingurura eta Alderdi Egunera mugatzea, eta gogoratu zuen jeltzaleek «uko» egin ziotela 2018an estatus berri baterako «oinarri eta printzipioen» gaineko akordioari jarraipena emateari, nahiz eta Eusko Legebiltzarreko gehiengoaren babesa izan. «Hortik aurrera, EAJk akordio hori urardotu du, eta azkenean kaxoi batean sartu», kritikatu zuen. Hezkuntza eta hizkuntza Eusko Legebiltzarrak esku artean dituen erronka nagusietako bat da Hezkuntza Legea aurrera ateratzea, eta, Blancoren esanetan, «herri akordio» batekin onartu behar da; «ahalik eta adostasun handiena» lortuta. Era berean, ordea, kritikatu egin zuen PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak adierazi izana sozialisten baiezkorik gabe ezin dela legea aurrera atera: «Larria da, Andueza jaunak bere buruari ematen diolako inork eman ez dion beto eskubidea». Euskararen egoerari dagokionez, hizkuntz eskubideen kontrako erabaki judizialak salatu zituen Blancok, eta bat egin Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 4rako deitu duen manifestazioarekin. Besteak beste, Nafarroako zonifikazioa amaitzeko beharra azaldu zuen, argudiatuta «ulergaitza» litzatekeela Espainiako Kongresuan edo Europako Batasunean euskara erabili ahal izatea eta Nafarroako zenbait erakundek trabak jartzea.
2023-9-18
https://www.berria.eus/albisteak/232917/gizon-baten-gorpua-aurkitu-dute-astigarragan.htm
Gizartea
Gizon baten gorpua aurkitu dute Astigarragan
Suhiltzaileak, Ertzaintzaren helikoptero bat eta anbulantzia bat bertaratu dira
Gizon baten gorpua aurkitu dute Astigarragan. Suhiltzaileak, Ertzaintzaren helikoptero bat eta anbulantzia bat bertaratu dira
Gizon baten gorpua aurkitu dute gaur Txoritokietan, Astigarragan (Gipuzkoa). Bizilagun batek eman du abisua, eta Donostiako suhiltzaileak bertaratu dira lekura, gizona erreskatatzen saiatzera. Sarbide zaileko leku batean zegoen, gotorlekutik gertu. Suhiltzaileez gain, anbulantzia bat eta Ertzaintzaren helikoptero bat ere bertaratu dira. Auzitegi Medikuntzako Institutura eramanen dute gorpua, autopsia egiteko.
2023-9-18
https://www.berria.eus/albisteak/232918/nafarroako-fiskaltzak-salaketa-jarri-du-unai-simoni-sadarren-egindako-irain-homofoboengatik.htm
Kirola
Nafarroako Fiskaltzak salaketa jarri du Unai Simoni Sadarren egindako irain homofoboengatik
Ikusle batek irain larriak egin zizkion Athleticeko atezainari Osasunak eta talde zuri-gorriak abuztuaren 19an Iruñean jokatu zuten derbian. Fiskaltzaren arabera, gorroto delitua izan daiteke
Nafarroako Fiskaltzak salaketa jarri du Unai Simoni Sadarren egindako irain homofoboengatik. Ikusle batek irain larriak egin zizkion Athleticeko atezainari Osasunak eta talde zuri-gorriak abuztuaren 19an Iruñean jokatu zuten derbian. Fiskaltzaren arabera, gorroto delitua izan daiteke
Nafarroako Fiskaltzak salaketa jarri du guardiako epaitegian Unai Simon Athleticeko atezainari Sadarren egin zizkioten irain homofoboak direla eta. Fiskaltzaren arabera, irain horiek gorroto delitua izan daitezke, eta, hori dela eta, ikerketa penala hasteko eskatu du. Espainiako Poliziari galdegin dio Unai Simon iraindu zuen ikuslea identifika dezan, eta deklarazioa har diezaion, inputatu gisa. Osasunak eta Athleticek abuztuaren 19an jokatu zuten derbia Sadarren, eta telebistako irudietan ikus daiteke nola ikusle batek irain larriak egin zizkion Unai Simoni: «Marika puta, hortxe hil zaitez, putasemea», esan zion behin eta berriro. Fiskaltzaren arabera, irain horiek gorroto delitua izan daitezke, «pertsona baten orientazio sexualari diskriminazioa» egiten baitiote. Fiskaltzak nabarmendu duenez, irain horiek «kalte» egiten diote «pertsonaren duintasunari», are gehiago milaka lagunen aurrean egin direla kontuan hartuta. Hori dela eta, Unai Simoni aukera eman dio neurriren bat eskatzeko hala nahi izanez gero. Gorroto delituak egiteagatik urtebete eta lau urte arteko kartzela zigorra jaso daiteke.
2023-9-18
https://www.berria.eus/albisteak/232919/euskara-euskal-herriaren-erdigunean.htm
albisteak
Euskara Euskal Herriaren erdigunean
Hogei BERRIAlagunek txangoa egin dute gure lurraldearen epizentro geografikora, Andiamendira. Mikel Arrizabalaga gidari zutela, Unanutik (Nafarroa) abiatu eta Beriain tontorra jo dute, behe-laino artean, eta ondoren Lezizoagako bidetik egin dute itzulera.
Euskara Euskal Herriaren erdigunean. Hogei BERRIAlagunek txangoa egin dute gure lurraldearen epizentro geografikora, Andiamendira. Mikel Arrizabalaga gidari zutela, Unanutik (Nafarroa) abiatu eta Beriain tontorra jo dute, behe-laino artean, eta ondoren Lezizoagako bidetik egin dute itzulera.
Larunbatean goizeko 9:00etan da hitzordua, Unanuko plazan (Nafarroa). Heldu orduko, 80tik gorako adineko batek egin die harrera mendizaleei: «berandu zabiltzate, beroa pasa behar duzue!». Harpa jotzeko dago: hego haize zakarra dabil, eta behe laino trinkoak estaltzen du Beriainen burua. Unanun bertan eskertzen da jantzi polarra; han goian, ia 900 metro gorago, ez da berriketarik izango. Herriko zenbait etxe ataritan, egurra pilatua dute jada, aizkorarekin ebakitzeko zain. Ezkur urte, elur urte esaera betetzen bada, aurten izango da negua. Mikel Arrizabalaga, BERRIAren Mendia kanaleko kolaboratzailea, izango da gidari gaurko ibilaldian. Eskerga eta eskertzekoa Arrizabalagaren urtetako eta urtetako lana Euskal Herriko mendi eta bideak ezagutarazteko, euskaraz beti. Kanaleko ibilbideen atalean dauden ehunka proposamenen artean, haren ibilbide bat aukeratu dute irakurleek eta BERRIAlagunek bozka bidez. Ibilbide eta jomuga esanguratsua: Euskal Herriaren erdigune geografikoa. Handik eta hemendik datoz BERRIAlagunak: Zarauztik Jon, Ziburutik Maite, Arabako Azazeta herritik Xabier, Durangotik Irantzu eta Lur, Iruñeatik Roberto, Legazpitik Iñigo eta Eva, Irundik Jon, Hernanitik Iñaki, Zumaitik Joxe Mari, Donostiatik Joxemiel, Lasarte-Oriatik Marijo... Hogei lagun guztira. Nahita ere nekez elkar zitekeen halako ordezkaritza zabalik; kasik lurralde guztietako mendizaleak abiatu dira Euskal Herriaren erdigunerantz. Mendizaleak Beriain tontorrean, behe lainoak bilduta. Uxue Barrenetxea Arrizabalaga gidari, Unanu gibelean utzi orduko pagadian barneratu dira ibiltariak, zidor pikoan gora, lerroz lerro. Behe lainoa, basoak atxikia duen hezetasuna eta bidezidorreko harrien lokatz makillajea, irristadaren bat edo beste izan da, baina mendian zaildutako jendea da BERRIAlagunen kuadrilla hau. Haien artean, pozik doa Roberto, bezperan erretiroa hartuta: «Aurrerantzean denbora gehiago izango dut mendirako», dio. Behe laino itxian, ia San Donatoko ermitarekin tupust egin dute mendizaleek. Iñaki hernaniarrak eman du eguneko lehen titulua: «Hor nonbait bada eguzkia». Kanpoan ez da giro, ordea, eta ermitaren alboko aterpean hartu dute babes hamaiketakorako. Mikelek azaldu die San Donatoz gain San Kaiet ere aterpetzen duela ermitak, eta hauxe dela Nafarroako tontorretan diren ermita guztien artean altuena. Indarrak osatuta, jomuga nagusirantz abiatu dira ibiltariak, malda behera leunean. «Komeni da elkarrekin joatea, behe lainoan inor galdu gabe», aholkatu du Arrizabalagak. Badu Beriainek Venezuelako tepuy baten tankera, malkarra batera, amildegia bestera eta goian lautada ikusgarri bat, Satrustegi mendilerroraino. Behe lainoak, ordea, erabat hesten du mira. «Maite ditut maite gure bazterrak...», txistukatzen hasi da bateren bat. Eguneko bigarren titularra eman du Iñigo legazpiarrak: «BERRIAlagunak behe laino artean». Arrizabalagak, ordea, urrats ziurrez eta zuzen-zuzen darama taldea. Altuera galdu ahala, gainera, saretuz joan da oihal zuria. Mendizaleek inoiz begiztatutako txanpinoi erraldoienak agertu dira bidearen alboetan. Sakonune batean, han da Euskal Herriaren erdigune geografikoa. Nafarroan, ezin bestela izan. Lekuak, izatez, Olibesarioko Saroia izena du, artzaintzak Andimendian izan duen eta duen garrantziaren lekuko. Zutarri batek adierazten du gure lurraldearen epizentroa, eta haren inguruan, harriz egindako hainbat zirkulu zentrokide daude, harrespilak balira bezala. Norbaitek erditik ebakita dago, ordea, zutarria, eta gaineko puska lurrean. Mikelek bat egin ditu bi zatiak, eta monumentu xumeak bere gorpuzkera tentea berreskuratu du. Ez dira ez bat eta ez bi lekuak jasan dituen sabotajeak, eta badu sinbolikotik Mikelen keinuak, bi puskak batzeak. Lekuari buruzko azalpenak eman ditu gero: zer kalkulu eta metodo erabili zituen Felix Isasa ingeniariak 2004an sakonune hura gure lurraldearen erdigunea dela zehazteko. Arrizabalagak berak Pyrenaica-rako idatzitako kronikan jaso ditu azalpen horiek. Azalpenak entzun ondoren, taldeko argazkia atera dute BERRIAlagunek, eta ondoren, photocall modukoa antolatu dute, nork bere argazkia ere izateko. Euskaraz bizi dute guztiek mendia, badakite lurralde honek erdigune nagusia hori duela. Taldekideak Unanura bueltan, behe lainoa deseginda. Uxue Barrenetxea Lezitza mendia inguratuz, Lezizoagako bidetik egin dute itzuliko bidea. Beste geldiune batean, Ollaraneko herri guztiak lotzen dituen ibilaldi ederraren berri eman die Arrizabalagak. Baita Goñi herritik Trekua edo Bordas Viejas tontorrera eta handik Beriain aldera jotzen duen ibilbidearen berri ere. Erne jarraitu dituzte BERRIAlagunek azalpenak. Beste mokadu bat egin ondoren, pista zabalean barneratu dira Unanurantz, abiapunturantz. Joan dira goizeko hotzak eta lotsak, nahastu dira bateko eta besteko mendizaleak, berriketan doaz ziburutarra iruindarrarekin, azazetarra zumaiarrarekin, durangarrak donostiarrarekin... Mendia eta beste mila kontu hizketagai, euskara hitzetik hortzera. Unanun, nekearen gainetik, egun polit bat pasa izanaren sentimendua, eta halako txango gehiago egiteko gogoa. Elkar agurtu ondoren, bakoitzak bere herrirako bidea hartu du, Euskal Herriko erdigune geografikoan Felix Isasak kokatutako harrizko zirkulu zentrokideak bezala, hizkuntza baten uhinak hedatuz batera eta bestera.
2023-9-18
https://www.berria.eus/albisteak/232920/aldatuko-al-du-indiak-bere-izena-bharat-bihurtzeko.htm
Mundua
Aldatuko al du Indiak bere izena, 'Bharat' bihurtzeko?
Bost eguneko saio berezia hasi du gaur Indiako Parlamentuak, eta, hainbaten ustetan, herrialdeari izena aldatzeko baliatuko du Modi lehen ministroak.
Aldatuko al du Indiak bere izena, 'Bharat' bihurtzeko?. Bost eguneko saio berezia hasi du gaur Indiako Parlamentuak, eta, hainbaten ustetan, herrialdeari izena aldatzeko baliatuko du Modi lehen ministroak.
Kolonialismoaren ajeak. India herrialdea atzerritarrek emaniko izenarekin ezagutzen da munduan, herritar askok nahasten dituzte indiarrak eta hinduak (hinduismo erlijioaren jarraitzaileak), eta, gauzak are gehiago zailtzeko, Ameriketako indigenei ere indiar esaten diete askok oraindik, Europako marinel batzuk, euskaldunak tartean, nahastu zirelako XV. mendean, eta Indiara heldu zirela pentsatu zutelako. Euskal Herritik Ameriketara xentimorik gabe joan, eta handik, maitea, bost milioen jabe itzulitako euskaldunei ere indiano esaten diegu gaur ere, India usaindu ere egin ez bazuten ere. Baina, baliteke kontu horretan azkenean gauzak erraztea, Indiako (oraingoz) Legebiltzarrean gaur abiatu duten bost eguneko saio berezian, askok iragarri duten neurria onartzen badute: Indiako Errepublikari izena aldatu, eta Bharat izendatzea aurrerantzean. Goazen hasierara. Nork asmatu zuen India hori? Hori ere korapilatsua da. India, berez, latinezko hitza da, baina erromatarrek grezieratik hartu zuten. Antzinako greziarrek Indos hitza erabiltzen zuten, persiarrei Hindush maileguan hartuta. Izan ere, pertsiarren inperioa Asiako azpikontinentera heldu zen, eta hala deitzen zioten han mendean zuten eskualdeari. Azken batean, sanskritoko shindu hitzetik dator, eta horrek ibaia esan nahi du, Indus ibaiarengatik. Itzuli asko egin dituen exonimo bat da, beraz. Kanpotarrek norberari emaniko izena da exonimo bat. Eskimal hitza da beste adibide bat, eta askotan iraingarritzat hartzen da. Horregatik eurek nahiago dute inuit izenarekin ezagunak izatea, hori delako eurek euren buruari izendatzeko erabiltzen duten izena (endonimo). Antzeko gauza gertatzen da Indian ere. Herrialdeak Inperio Britainiarretik 1947an independentzia lortu zuenetik ari da hango gobernua menpekotasunaren arrastoen zama gainetik kendu nahian, besteak beste, britainiarrek hiriei emaniko izenak alboratzen. 1995. urtean, esaterako, Bombay izena baztertu, eta ofizialki Mumbai izendatu zuten hiria. Baina, zergatik Bharat izena? Ez da kontu berria, Indiako Konstituzioaren lehenengo artikuluan aipatzen dute (1950): «India, hau da, Bharat, estatuen batasun bat izango da». Rigveda kontakizun epikoan erabiltzen dute Bharata hitza, leinu bat izendatzeko. Sanskritozko Mahabharata poema epikoaren izenburua Bharata handia gisa itzultzen dute askotan. Halakoetan ohi den bezala, zatia izendatzetik, hau da, leinu bat edo haien eremua (India iparraldean), dena izendatzeko zabaldu zuten hitzaren eremu semantikoa, bharatarren inperioa zabaldu ahala. Sanskritoz, bhr erroa dago hitzan, eraman esan nahi du, eta horrek isla du Europako hizkuntz indoeuropar askotan: ingelesezko to bear, eta latinezko fero, esaterako. Erro horrek makina hitz ekarri dizkio euskarari konferentzia, interferentzia, diferentzia, sufrimendua... eta Luzifer (argia daramana). Kontu sinboliko bat da, beraz izena aldatzea, Parlamentuko saio sinbolikoan. Izan ere, Indiaren independentziaren 75. urteurrena ospatzen ari dira aurten, eta Narendra Modi lehen ministroak iragarri du bihar bertan egoitza zaharra utzi, eta erakundea beste eraikin batera eramango dutela. Biharko saiotik aurrera, egoitza berrian arituko dira parlamentariak. Modiren alderdiaren izena Bharatiya Janata da, hau da Bharatako (India) Herriaren Alderdia. Eskuinekoa da, nazionalista, eta agintean egon da 2014. urtetik. Bharatiya gaztelerazko baratija hitzarekin lotuta egon daitekeela pentsa dezake norbaitek, agian garai batean handik zetozelako Europara bitxi merkeak. Bada, ez. Grezierazko prattein hitzetik dator (gauzatu, lortu), hango merkatariek horrela esaten ziotelako salgai bat merke lortzeari. Abuztuan iragarri zuen Modik Parlamentua beste eraikin batera eramango zutela, eta ustekabean harrapatu zuen oposizioa. Gardentasun eza leporatu zioten lehen ministroari, halako aldaketa handiak gainerako alderdiekin hitz egin gabe egiteagatik. Orduan hasi ziren oposizioko alderdiak esaten Modik Indiari izena aldatzeko asmoa zuela. Izan ere, G20 herrialdeen bilera egin zuten irailaren lehenengo astean, eta horretarako gonbidapenetan India baztertu eta Bharat idatzi zutela ohartarazi zuten. Modiren alderdiko hainbat kidek esan dute, geroztik, India izena britainiarrek sartu zutela, eta «esklabotzaren ikurra» dela. Edonola ere, dena airean dago, Gobernuak ez baitu baieztatu gaia mahai gainean jarriko duenik. Badira kasuak Aldaketa eginez gero, India ez litzateke lehen herrialdea izena aldatzen. Turkiak urteak daramatza gainerako herrialdeak konbentzitu nahian bere turkierazko izena bere horretan erabil dezaten: Turkiye. Izan ere, ingelesezko Turkey hitzak herrialdeaz gain, hegazti bat izendatzeko erabiltzen da —indioilarra—, eta polisemia hori ez zaie duina iruditzen Ankarako agintariei, nonbait. Horrekin itzultzen gara, gainera, India izenaren nahasmenduaren gurpil zorora: indioilarra (Indiako oilarra), indaba (Indiako baba, hau da, babarruna). Arrakasta izango luke Indiak izena aldaketarekin? Hau da, mundu osoa Bharat esaten hasiko litzateke norberaren tradizioari uko eginez? Nor gogoratzen da Persiarekin? Mendebaldean, Iranen izen tradizionala Persia izan da mendeetan. 1935. urtean, ordea, hango errege Reza Shahk eskatu zion nazioarteari Greziako antzinako historialariek emaniko izen hori baztertzeko, eta Iran esateko herrialdeari, hori zelakoan euren endonimoa. Gaur, Persia erabiltzen jarraitzen da testuinguru batzuetan, batez ere historialari eta bestelako akademikoen artean, baina nazioarteko harremanetan Iran nagusitu da erabat. Nork ezagutzen ditu katu thailandiarrak, ordea? 1939. urtera arte, Siam esaten zioten Asiako hegoaldeko herrialde horri. Urte horretan sinatu zuen hango erregeak lehenbiziko nazioarteko hitzarmena, eta horretan paperean argi utzi zuen bere herrialdearen izena Thailandia zela. Bitxia bada ere, berriz bataiatu zuten Siam 1946tik 1948ra. Baina, geroztik, berriro Thailandia. Indiaren antzeko kasua Sri Lanka da. Britainiarrek Ceylon jarri zioten, Sri Lanka ingelesezko belarrietara moldatuta. Baina herrialdeak izena berreskuratu zuen independentziarekin (1948). Beste hainbat adibide daude, baina, azkenean, Indiari izena aldatzen badiote, eta Mendebaldean baten batek erabakitzen badu Bharat-i uko egitea eta India erabiltzen jarraitzea tradizioaren izenean, arazo bat izango du. Herritarrei azaldu beharko die zergatik ez zuen arazorik izan Kievi egun batetik bestera Kyiv esaten hasteko, Errusiak Ukraina inbaditu bezain pronto.
2023-9-18
https://www.berria.eus/albisteak/232921/ehun-ek-bi-eguneko-kanpaldia-egingo-du-etxe-eskubidearen-alde.htm
Gizartea
Ehun-ek bi eguneko kanpaldia egingo du, etxe eskubidearen alde
Ehun mugimenduak nabarmendu du sistema kapitalistan etxebizitza ez dela eskubide bat: «Negozioa da». Asteburu honetan egingo dute kanpaldia, Donostiako Sert plazan.
Ehun-ek bi eguneko kanpaldia egingo du, etxe eskubidearen alde. Ehun mugimenduak nabarmendu du sistema kapitalistan etxebizitza ez dela eskubide bat: «Negozioa da». Asteburu honetan egingo dute kanpaldia, Donostiako Sert plazan.
Asteburu honetan bi eguneko kanpaldia egingo du Ehun mugimenduak Donostiako Sert plazan, etxe eskubidea aldarrikatzeko. Nabarmendu dute sistema kapitalistan etxebizitza ez dela eskubide bat: «Negozioa da». Espainiako eta Frantziako estatuak «etxeen lapurreta» legeztatzen eta errazten dutela azaldu du mugimenduak, eta etxe eskubidea bermatzeko irtenbidea euskal errepublika sortzea dela. Kanpaldia Sert plazan egitea ere ez da kasualitatea: «Gogoratu plaza horretako alokairu sozialeko 522 etxebizitza Black Stone izeneko funts putreari saldu dizkiola 78ko erregimenean erabat murgilduta dagoen administrazio publikoak». Hilaren 23rako eta 24rako egitarau zabala antolatu du Ehun-ek. Larunbatean 10:00etan irekiko dute kanpaldiaren gunea, eta mahai inguru bat egingo dute Euskal Herriko zenbait etxebizitza sindikatuk. 18:00etan manifestazioa egingo dute Sert plazatik abiatuta, Etxez etxe, bizitzaz bizitza, euskal errepublika da giltza lelopean. Musika, bingoa eta zinema ere egongo dira. Igandean, 11:30ean turismoari buruzko mahai inguru bat egingo dute, eta musikaz girotuta biribilduko dute kanpaldia.
2023-9-18
https://www.berria.eus/albisteak/232922/zortzi-langile-kaleratu-dituzte-vulcanizados-zuloagan-elako-afiliatuak-denak.htm
Ekonomia
Zortzi langile kaleratu dituzte Vulcanizados Zuloagan, ELAko afiliatuak denak
Joan den ostegunean justiziak onartu zuen enpresak langileen greba eskubidea urratu zuela. ELAk uste du sindikatuaren eta grebalarien aurkako neurria izan dela.
Zortzi langile kaleratu dituzte Vulcanizados Zuloagan, ELAko afiliatuak denak. Joan den ostegunean justiziak onartu zuen enpresak langileen greba eskubidea urratu zuela. ELAk uste du sindikatuaren eta grebalarien aurkako neurria izan dela.
Vulcanizados Zuloagak enplegua aldi baterako erregulatzeko aurkeztutako espedientea atzera bota du justiziak, eta, handik ordu gutxira, enpresaren zuzendaritzak zortzi langile kaleratu ditu, ELA sindikatuak azaldutakoaren arabera. Bilboko gizarte arloko 5. epaitegiak joan den ostiralean epai hori berretsi eta «ordu gutxira» kaleratu zituzten langileak. Sindikatuaren arabera, kaleratutako zortzi langileak ELAko afiliatuak dira, eta 2022ko martxoan akordio batekin amaitu zuten ia urtebeteko greban parte hartu zuten denek. Hala, sindikatuak uste du bere aurkako neurri bat dela langileak kaleratzea, eta langileak berehala lanera itzultzeko eskatu du. Vulcanizados Zuloaga eta justizia Ez da justiziak Vulcanizados Zuloagaren aurka egin duen lehen aldia. 2021ean, langileek greba hasi zuten lan ituna hobetzeko, eta ia hirurehun egun egon ziren greban. 2022ko martxoan sinatu zuten akordioa, eta handik gutxira enpresa zigortu zuten, greba eskubidea urratzeagatik. Ia 53.000 euro ordaindu behar izan zituen orduan enpresak. Aurtengo apirilean, enplegua aldi baterako erregulatzeko espediente bat planteatu zuen enpresak, eta orain justiziak berriro ere enpresaren zuzendaritzaren erabakiaren aurka egin du. Aldi baterako erregulazioaren txostena atzera botatzeaz gain, langileek epe horretan jaso ez zuten soldata jasoko dute. Epai horretan bertan, beste behin, enpresak greba eskubidea urratu zuela ebatzi du justiziak, eta 25.000 euro ordaindu behar izan ditu.
2023-9-18
https://www.berria.eus/albisteak/232923/demosath-haize-errota-flotagarria-argindarra-sortzen-ari-da-jada.htm
Ekonomia
Demosath haize errota flotagarria argindarra sortzen ari da jada
Sorgailua prototipo bat da, eta plataformaren funtzionamenduari eta ingurugiroan duen eraginari buruzko datuak bilduko ditu bi urtez.
Demosath haize errota flotagarria argindarra sortzen ari da jada. Sorgailua prototipo bat da, eta plataformaren funtzionamenduari eta ingurugiroan duen eraginari buruzko datuak bilduko ditu bi urtez.
Bizkaiko itsasoan ainguratuta dagoen lehen sorgailu eoliko flotagarria argindarra ekoizten hasia da. Iragan abuztuan itsasoratu zuten Demosath haize errota, Armintzako (Bizkaia) kostaldetik bi miliara, eta, aurreikusi bezala, haren turbina gaur hasi da haizearen indarrarekin mugitzen. Beste mugarri bat ezarri du proiektuak hala, arduradunek azaldu dutenez. «Energia sortzen hastea proiektuaren une gorena da», azaldu du David Carrascosa Saitec Offshore Technologiesen zuzendari nagusiak, Bermeon (Bizkaia) egindako ekitaldian.Eta zera erantsi du: «Honek balioko digu benetako esperientzian oinarritutako ezagutza eskuratzeko eta etorkizuneko proiektuetan eskala handiagoan aplikatzeko». Izan ere, prototipo bat da, eta itsasoko haize erroten teknologiari buruz gehiago jakiteko balioko du. Proiektuaren arduradunak bi urtez ariko dira datu horiek guztiak biltzen eta ikertzen. Espero dute informazio hori baliagarria izatea 2026an haize errota gehiago jartzeko, besteak beste. Baita sorgailuak itsasoko ekosisteman izan dezakeen eragina neurtzeko ere, tresna espezializatuak baititu horretarako. Oraingo prototipoa ia 70 metro garai da, eta olatuen indarrari eusteko gai den plataforma baten gainean dago. Plataforma hori itsas hondoan finkatzen aritu dira azken asteetan, hain zuzen ere, eta haize errota kable bidez sare elektrikora lotzen. Oraingoz, argindar gutxi sortzeko gai da: 2 megawatt,hau da, bi mila etxek urtebetean kontsumitzen dutena adina. Hurrengoak handiagoak izatea espero da, hala ere, zeren 15 megawatt argindar sortzeko gai diren hiru errota jartzea baitu xede enpresak, hau da, 15.000 etxerentzako beste. Haize errota horiek 200 metro baino gehiago izango lirateke garai, eta haien palak 100-120 metro luze izango lirateke. Hori, baina, hurrengo urratsa izango da. Oraingoz, 2030erako 3 megawatt argindar sortzeko gai diren errotak jartzea da erronka. Atzera-bueltarik ez Eusko Jaurlaritzak ere hartu du parte proiektuan: Energiaren Euskal Erakundearen eta SPRI agentziaren laguntza jaso du, hain zuzen ere. Bada, Iñigo Urkulluk ekitaldian adierazi du energia berriztagarrien aldeko apustua «argia eta irmoa» dela, eta ez duela «atzera-bueltarik». «Badakigu horrelako azpiegiturak itsasoan edo gure mendietan ez direla atseginak. Inori ez zaio gustatzen norbera bizi den lekutik hurbil kokatzea. Baina klima aldaketa, tamalez, luzerako etorri da, eta erreakzionatu egin behar dugu».
2023-9-18
https://www.berria.eus/albisteak/232924/euskara-europako-batasuneko-hizkuntza-ofizial-izateko-eskatu-du-kontseiluak-bruselan.htm
Gizartea
Euskara Europako Batasuneko hizkuntza ofizial izateko eskatu du Kontseiluak Bruselan
Agerraldia egin du Europako lurralde hizkuntzak sustatzeko nazioarteko erakunde ELENeko hainbat ordezkarirekin batera; Euskalgintzaren Kontseiluaren izenean, Idurre Eskisabelek esan du erabakiak «gordinago» agerraraziko lukeela egun euskararen ofizialtasunaren inguruan dagoen «paradoxa»
Euskara Europako Batasuneko hizkuntza ofizial izateko eskatu du Kontseiluak Bruselan. Agerraldia egin du Europako lurralde hizkuntzak sustatzeko nazioarteko erakunde ELENeko hainbat ordezkarirekin batera; Euskalgintzaren Kontseiluaren izenean, Idurre Eskisabelek esan du erabakiak «gordinago» agerraraziko lukeela egun euskararen ofizialtasunaren inguruan dagoen «paradoxa»
«ELENek pozik hartu du euskara, katalana eta galiziera Europako Batasuneko eskubide osoko hizkuntza ofizial gisa hartzeko Espainiak egindako proposamena». Agerraldia egin dute gaur Europako lurralde hizkuntzak sustatzeko nazioarteko erakunde ELEN hainbat ordezkarik euskararen, galizieraren eta katalanaren ofizialtasuna zabaltzeko Espainiako Gobernuak sustatu duen proposamenari oniritzia emateko. Bruselan egin dute agerraldia, Europako Parlamentuan. Tartean, Euskalgintzaren Kontseiluak parte hartu du agerraldian; Idurre Eskisabel idazkari nagusiak hartu du hitza, Manex Mantxola koordinatzailearekin batera. Plataforma per la LLengua, Omnium Cultural, A Mesa pola Normalizacion Lingüistica, Obra Cultural Balear eta Accio Cultural Pais Valencia erakundeekin batera egin du irakurketa. Bihar dira Europako Kontseiluan gaia lantzekoak, eta proposamena «babesteko» eskea egin dute. Europako Batasuneko Atzerri ministro guztiek aho batez hartu beharreko erabakia da, hala ere, eta ez dago argi zer gertatuko den biharko bileran. Plazara atera duten ohar bateratuan nabarmendu dituzte ofizialtasunak ekar ditzakeen onurak. «Hizkuntza ofizial gisa hartzeak onura praktiko ugari dakartza, baita estatus ofizialak ematen duen prestigioa ere. Era berean, Europako Batasunari aukera emango lioke hizkuntza aniztasuna babesteko eta herritarrei beren hizkuntza EBko erakundeekin erabiltzeko aukera emateko», azaldu dute. «Hizkuntza horiek barne hartuz gero eragina oso positiboa izango da, eta urrats handia gure hizkuntzen onarpenerako eta normalizaziorako bidean, Europa mailako estatus ofiziala funtsezkoa baita hiztunen hizkuntza eskubideak babesteko». Aurrez martxan diren hainbat lan ildo indartzeko bidea izan daitekeela uste dute. «Era guztietako 500 lege xedapen baino gehiago daude EBko hizkuntza ofizialen presentzia eta erabilera eskatzen dutenak, bereziki kontsumitzaileei eragiten dienean. Eta hori oso garrantzitsua da, pertsonen eguneroko bizitzan zuzeneko eta zeharkako eragina duelako». «Abiaburu» bat izan daiteke Idurre Eskisabelek Kontseiluaren izenean onartu du, ofizialtasuna lortzen bada, aintzat hartzeko «urratsa» izango dela hori. Uste du «eguneroko bizitzan» ekar ditzakeela onurak euskaldunentzat. Pentsatzen du etiketatzearen gisako eremuetan, esaterako, hobeto egin ahal izango dela aurrera, edota ikus-entzunekoen arloan ere aurrera pausoak ematen lagun dezakeela: «Abiaburu bat da». Euskararen ofizialtasunak egun Euskal Herrian bizi duen egoera «prekarioa» erakusteko ere balio dezakeela uste du Eskisabelek. Euskarak eremu askotan ofizialtasunik ez duela gogoratu du, eta Europako Batasunean ofiziala bada «gordinago» agertuko dela horrek dakarren «paradoxa». Baionako euskaldun bat jarri du adibide, edo Tuterakoa. Europako Batasunarekin euskaraz harremanetan jartzeko era izango du, baina bere herriko udal administrazioarekin, esaterako, ez. Euskal Herri osoan euskara ofizial egitek urratsak egite aldera, Europako Batasunaren baietza «berme» bat izan daitekeen ustea du. Gainerako hizkuntza gutxituetako ordezkariek ere nabarmendu egin dute erabakiak izan dezakeen garrantzia. Hizkuntza minorizatuen «prestigioa» handitu dezakeela adierazi dute, eta gogoratu dute hizkuntza eskubideak «giza eskubideak» direla, eta horietan «sakontzeko» era eman dezakeela biharko bilkurak. Denek batera atera duten oharrean nabarmendu dute, urrats hau eginda ere, bidean oraindik badela zer jorratua. Estatu kideen «izaera eleaniztuna» onartzeko bidean aurrera egingo da, baina horrekin «hizkuntzen gutxiagotzearen» amaiera ez da etorriko: «Oraindik bide luzea dago egiteko. Ildo horretan, fronte guztietan lanean jarraitzeko konpromisoa berresten dugu, gure hizkuntzei merezi duten aitortza emateko eta gure herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko». Euskararen, katalanaren eta galizieraren alde ari diren erakundeez aparte ere, mezuarekin bat egin du ELENeko idazkari nagusi Davyth Hicksek. ELENek egun 175 erakunde kide ditu, 25 estatutan 50 hizkuntza ordezkatzen dituztenak. Oro har, ELENeko kideek hizkuntza horietako 40 milioi hiztun baino gehiago ordezkatzen dituzte, Europako Batasuneko biztanleriaren ia % 10, eta gobernuen eta nazioarteko erakundeen aurrean hizkuntza horietako hiztunen ahotsa izatea du helburu. Agerraldian, Europako Parlamentuko hainbat ordezkari izan dira hiikuntza gutxituetako ordezkariei babesa erakusten; tartean izan dira EH Bilduko parlamentari Pernando Barrena eta EAJkoa, Izaskun Bilbao. Dudak EB Europako Batasuneko 27 herrialdeetako Atzerri ministroak bihar erabakiaren inguruan bat etortzea ez da erraza izango. Hainbat errezelo agerian utzi dituzte hainbat herrialdek egunotan. Frantziak har dezakeen jarreraren gaineko kezka ez da berria. Suediak eta Finlandiak dudak azaldu dituzte erabakiak lan administratiboa zamatu dezakeelako, eta kostu ekonomikoa ere handitu egin daitekeelako ofizialtasuna hiru herrialde gehiagotara zabalduta. Hala ere, Espainiako Gobernuak aurre hartu nahi izan die, eta prest agertu da kostu horiek bere gain hartzeko. Motiboak ditu proposamena hain irmo defendatzeko. Hain justu ere, Espainiako Gobernuak abuztuaren 16an erregistratu zuen eskea Junts per Catalunyak hala eskatuta; Carles Puigdemonten alderdiak jarritako baldintzetako bat izan zen, PSOEko Francina Armengol Espainiako Kongresuko presidente hautatzearen truke. Hainbat iturrik adierazi dutenez, bihar ez da erabakirik hartuko, eta atzeratu egingo dute.
2023-9-18
https://www.berria.eus/albisteak/232925/sortuk-larunbatean-egingo-du-bere-vi-nazio-konferentzia.htm
Politika
Sortuk larunbatean egingo du bere VI. Nazio Konferentzia
Alderdi independentistaren esanetan, azken bozek erakutsi dute ziklo politiko berri bat ireki daitekeela.
Sortuk larunbatean egingo du bere VI. Nazio Konferentzia. Alderdi independentistaren esanetan, azken bozek erakutsi dute ziklo politiko berri bat ireki daitekeela.
Sortuk bere VI. Nazio Konferentzia egingo du larunbat goizean Arrasaten (Gipuzkoa), eta ekitaldi politiko bat arratsaldean. Alderdi independentistaren arabera, ziklo politiko berri bati heltzeko aukera dago, eta bide horretan «independentziarako indarrak» biltzen jarraitzea jarri du helburutzat: «Bizitza eta haren zaintza erdigunean jarriko dituen estatua behar dugu». Irailaren 27an beteko dira 48 urte Juan Paredes Txiki eta Angel Otaegi etakideak fusilatu zituztenetik, eta urteurren horren testuinguruan egingo du Sortuk bere seigarren konferentzia nazionala. Data berezia da «nazio askapeneko mugimenduarentzat», ohar bidez azaldu dutenez: «Gure proiektu politikoan berresteko eguna da gure komunitatearentzat. Helburu guztiak lortu arte borrokan jarraitzeko zin egitea». Alderdiak ezker independentistak azken urteetan jorratutako bideari ere heldu dio. Bada hamarkada bat «gatazka politikoa konpontzeko aro berri bati ekiteko erabakia» hartu zuenetik, eta azaldu dute Sortu ziklo berrira egokitzeko «ahalegin etengabean» ari dela: «Konbentzituta gaude ziklo berriak iruditeria berriak, sinbolo berriak eta kontakizun berriak behar dituela, iragana alboratu gabe». Izan ere, Sorturen ustez, Hego Euskal Herriko udal eta foru bozetako zein Espainiako Gorteetarako hauteskundeetako emaitzek erakutsi dute ziklo politiko berri bat abiatzeko aukera «parez pare» irekita dagoela, horietatik ateratako «gehiengo ezkerreko eta independentistak» Euskal Herriko gatazka politikoa «konpontzeko urratsak egiteko» aukera ematen baitu. Ipar Euskal Herriko testuinguru politikoari begira, berriz, abertzaletasunak hartutako «indarra eta zentralitatea» nabarmendu dituzte, «euskal lurraldearen aitortzan zein eskubide sozialen aitortzan» izan dezakeen eraginagatik.
2023-9-18
https://www.berria.eus/albisteak/232926/gatazka-amaitu-eta-urtebetera-gerra-krimenek-ez-dute-etenik-etiopian.htm
Mundua
Gatazka amaitu eta urtebetera, gerra krimenek ez dute etenik Etiopian
Ikerketaren egileek salatu dutenez, Eritreako armadako kideak dira zibilen aurkako krimenak egiten dituztenak, Etiopia iparraldean
Gatazka amaitu eta urtebetera, gerra krimenek ez dute etenik Etiopian. Ikerketaren egileek salatu dutenez, Eritreako armadako kideak dira zibilen aurkako krimenak egiten dituztenak, Etiopia iparraldean
Ia urtebete igaro da Etiopiako Gobernuak eta TPLF Tigrayko Herria Askatzeko Fronteak su etena adostu zutenetik. Halere, gerra krimenek eta gizateriaren aurkako krimenek ez dute etenik. Horixe adierazi du NBE Nazio Batuen Erakundeak, gaur argitaratutako txosten batean. «Nahiz eta bake akordioaren ondorioz ez diren arma hotsak entzuten, gatazka ez da bukatu. Egoera oraindik oso larria da», ohartarazi du Etiopiarako Giza Eskubideen Adituen Nazioarteko Batzordeko buru Mohamed Chande Othmanek. 2020ko azaroaren 3tik egindako krimenak jaso dituzte 21 orriko dokumentuan. Horien artean daude, besteak beste, torturak, bortxaketak, sexu bidezko esklabotza, hilketak eta askatasunaren aurkako beste zigor batzuk. Txostenaren arabera, Eritreako armadako militarrak eta Amhara miliziako kideak daude eraso horien atzean. Bai batak, bai besteak, ordea, krimen horiekin zerikusirik izatea ukatu dute gaur bertan. Etiopiako Gobernuaren eta TPLFren arteko bi urteko gatazkan, gobernuari borrokan laguntzeko bidali zituen militarrak hara Eritreako Gobernuak. Txostena egin duen batzordearen arabera, orain zibilen aurkako «eraso sistematikoak» egiten ari dira iparraldean —batez ere Tigray eskualdeko mendebaldean eta hegoaldean—. Batzordeko kide Radhika Coomaraswamyren arabera, «komunitate osoak hiltzen ari dira, inolako arrazoirik gabe». Indarkeria are bortitzagoa da herrialdeko emakumeen eta neska gazteen aurka. Krimen horiek ikusita Etiopiako Gobernuak hartu duen jarrera «konplizea» salatu dute txosteneko egileek. «Gobernuak hasieratik babestu du Eritreako armada, baita hark egindako krimen guztiak ere». Are, su etena sinatu eta urtebetera «oraindik» Eritreako soldaduek Etiopiako lurretan jarraitzea gaitzetsi dute. Horiek hala, Etiopian gertatzen ari den guztiaren inguruan ikerketa «sakonagoak eta zehatzagoak» egiteko beharra azpimarratu du NBEk. Hori egiteko konpromisoa aspaldi hartu zuen Etiopiako Gobernuak, su etena sinatu zutenean, baina, gaur-gaurkoz, ikerketa gutxi egin dituzte.
2023-9-18
https://www.berria.eus/albisteak/232927/lampedusak-gainezka-egin-ostean-italiak-etorkinen-kontrako-jarrera-gogortu-du.htm
Mundua
Lampedusak gainezka egin ostean, Italiak etorkinen kontrako jarrera gogortu du
Migratzaileak atxikitzeko epea luzatu du Erromak, eta atxilotze zentro gehiago eraikiko dituela jakinarazi du, Von der Leyenek uhartera egindako bisitaren biharamunean.
Lampedusak gainezka egin ostean, Italiak etorkinen kontrako jarrera gogortu du. Migratzaileak atxikitzeko epea luzatu du Erromak, eta atxilotze zentro gehiago eraikiko dituela jakinarazi du, Von der Leyenek uhartera egindako bisitaren biharamunean.
Etorkinen etorrera jendetsuaren ondorioz Lampedusak gainezka egin ostean, Giorgia Meloni Italiako lehen ministroak egoera hori errepikatzea eragotzi nahi du, eta, batez ere, asilo eskatzaile gehiago herrialdera ez iristea. Horretarako, neurri zorrotzagoak hartzea erabaki du, uharte horretan joan den astean gertaturikoa —hiru egunean 8.500 etorkin heldu ziren 6.000 biztanlerako irlara— kolpe gogor bat izan baita haren sinesgarritasunarentzat, kontuan harturik joan den urteko bozak migrazioaren kontrako diskurtsoa erdigunean jarrita irabazi zituela. Melonirentzat, asilo eskatzaileen aurkako jarrera gogortzea eta horien egoera okertzea da irtenbidea; gobernuak gaur jakinarazi duenez, luzatu egingo dute migratzaileak atxikitzeko denbora, eta atxilotze zentro gehiago eraikiko dituzte. Erromaren erabakia ekimena berreskuratzeko estrategiaren parte da, orain arteko saiakerek ez baitute etorkinen kopurua jaisteko balio izan. Horren erakusle, kopuru ofizialak: aurten 127.000 migratzaile baino gehiago heldu dira Italiara, iaz epe berean heldutakoak halako bi ia. Joera aldatu nahi du Italiako Gobernuak, eta hori lortzen saiatzeko zera egin du: aberriratzea itxaroten ari diren etorkinak atxilo izateko denbora hiru hilabetetik urte eta erdira igo du, eta atxilotze zentro gehiago eraikiko ditu, batez ere «eremu bakartuetan». Eta Melonik atzo Lampedusan egindako bisitan azaldu zuenez, EB Europako Batasunaren itsas misio bat ere nahi du Mediterraneoan; hori proposatuko die EBko beste estatu kideei, datorren hilabete amaieran egingo duten Europar Kontseiluan. «Oraindik ere uste dut ez dugula inoiz [migratzaileen afera] konponduko soilik birbanaketaz arituta; hau konpontzeko modu bakarra irteerak gelditzea da», argudiatu zuen Italiako lehen ministroak. Horretan sakondu nahi du, Bruselak hilabeteotan egin duen antzera. Eta talde komunitarioaren estrategiaz aritu zen atzo, hain justu, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea. Hura ere Lampedusan izan zen, Melonirekin eta Europako Batzordeko Barne komisario Ylva Johanssonekin batera, eta bisita hori baliatu zuen Europako Batzordearen urteotako jarreran sakontzeko. Bide batez, beste behin ere, Von der Leyenek agerian utzi zuen Bruselak eta Erromak migrazioaren aferan duten jarrera nahiko antzekoa dela; besteak beste, «erantzun koordinatu bat» iragarrita, eta lehentasuntzat jarrita etorkin gehiago ez heltzea Europara. «Niretzat oso garrantzitsua da, migrazio irregularra Europaren erronka bat baita, eta Europaren erantzun bat behar baitu. Hortaz, elkarrekin gaude. Guk erabakiko dugu nor datorren Europako Batasunera eta zer baldintzatan; ez trafikatzaileek». Europako Batzordeko presidenteak hamar puntuko plan bat ere jakinarazi zuen horretarako, baina, praktikan, ez zuen berritasunik iragarri, orain arteko neurriak errepikatu baitzituen, modu batera edo bestera. Eta agerraldi horretatik egun batera, gaur, Porto Empedocleko identifikazio zentroan (Italia) zeuden ehun bat etorkinek ihes egin dute; Lampedusara iritsi ziren migratzaileetako batzuk ziren, eta irla horretatik eraman zituzten Porto Empedoclekora. Bien bitarterako, Italiak EBko beste estatu kide baten berehalako lankidetza izango du. Frantziako Barne ministro Gerald Darmanin Erromara joan da gaur, eta laguntzeko prestutasuna helarazi dio Italiako Gobernuari etorkinen etorrera gelditzeko. Bidaia horren aurretik CNews telebista kateari emandako elkarrizketan, Darmaninek azaldu du «muga kontrolatzeko laguntza» emateko prest dagoela Paris, joan den ekaineko migrazio itunak jasotzen duen modura. Hori bai, Barne ministroa argi mintzatu da: Melonik EBko estatu kideei laguntza eskatu dien arren, Frantziak ez du migratzaile gehiago hartuko. Tunisiako ituna «ulertezina» da estatu kide batzuentzat Iragan uztailean, talde komunitarioak eta Tunisiak migrazio akordio bat egin zuten. Bilioi bat euroren truke, besteak beste, Tunisek konpromisoa hartu zuen mugako kontrol zorrotzagoak egiteko. Horri buruzko adostasuna, ordea, ez da erabatekoa izan EB barnean, estatu kide batzuentzat «ulertezina» baita akordio hori egin izana. Josep Borrell diplomaziaburuak hilaren 7an bidalitako mezu batean dioenez, «estatu kide batzuek kezka» agertu zuten batzordearen «alde bakarreko» erabakiaren inguruan, baita akordioaren «eduki batzuez» ere, The Guardian-ek gaur argitaraturikoaren arabera. Eta itunak jasotzen duenaz harago ere, agintarietako batzuek argudiatu zuten ez zutela hori onartzeko prozedura egokia erabili
2023-9-18
https://www.berria.eus/albisteak/232928/liburu-bat-ondu-dute-euskara-sinplifikatzeko-proposamenekin.htm
Gizartea
Liburu bat ondu dute euskara «sinplifikatzeko» proposamenekin
Mikel Mendizabal hizkuntza irakasleak koordinatu du lana; hainbat idazle eta hizkuntzalariren proposamenekin osatu dute.
Liburu bat ondu dute euskara «sinplifikatzeko» proposamenekin. Mikel Mendizabal hizkuntza irakasleak koordinatu du lana; hainbat idazle eta hizkuntzalariren proposamenekin osatu dute.
Gaur goizean egin dute aurkezpena, Donostian. Euskara orain. Eraginkortasuna helburu liburuaren berri emateko elkartu dira Mikel Mendizabal koordinatzailea, eta egileetako hiru: Xabier Amuriza, Iñigo Lamarca eta Jesus Rubio. Haitao Liu hizkuntzalaria da ekarpena egin duen laugarrena. Liburuan esan dute euskarak aurrera egin dezan hura «sinplifikatzeko» bideak behar direla, eta horretarako ekarpenak egin dituzte, bakoitzak bere ikuspegitik. Alberdaniak argitaratu du lana. Koordinatzaileak nabarmendu du egile bakoitzak bere ideia «pertsonalak» dituela gaiaren inguruan, eta ekarpenak egin dituztela aditzak sinplifikatzeko eta sintaxi eraginkorragoa garatzeko, besteak beste. Liburuaren atzean dagoen analisia ezkorra da. «Euskalduntze prozesuan gauzak ez doaz ondo, hau errealitate bat da», adierazi dute liburuaren berri emateko oharrean. «Eskuarki soziolinguistikak esaten duena hartzen da kontuan, baina, nire ustez, giza zientzia horrek esaten duena ez da nahikoa, eta bada beste arrazoirik», esan du liburuaren koordinatzaileak. Nabarmendu du hizkuntzen «eboluzionatzeko» gaitasunari erreparatu behar zaiola, eta hiztunei bidea erraztuko dieten hautuak lehenetsi. Uste du euskara «sinple eta eraginkor bat» garatzeko bidea egiten bada hizkuntzaren sustapenak aurrerapausoak baino ez dituela egingo. Mikel Mendizabal hizkuntza irakaslea da. 2014an erreparatu zion gai honi; Hizkuntzen berdintasun komunikatiboa: mitoa eta errealitatea liburua atera zuen orduan.
2023-9-18
https://www.berria.eus/albisteak/232929/iparraldeko-gasolindegiek-ekoizpen-kostua-baino-merkeago-saldu-ahalko-dute-erregaia.htm
Ekonomia
Iparraldeko gasolindegiek ekoizpen kostua baino merkeago saldu ahalko dute erregaia
Frantziako Asanbleak Ekonomia Ministerioaren neurria onartzen badu, abenduaren 1etik aurrera sartuko da indarrean.
Iparraldeko gasolindegiek ekoizpen kostua baino merkeago saldu ahalko dute erregaia. Frantziako Asanbleak Ekonomia Ministerioaren neurria onartzen badu, abenduaren 1etik aurrera sartuko da indarrean.
Erregaien prezioa asko ari da garestitzen Euskal Herrian, bai Hegoaldean eta bai Iparraldean. Frantziako Gobernua eta energia enpresa handiak hainbat neurri ari dira hartzen eskaria asko gutxitu ez dadin, eta Bruno Le Maire Frantziako Ekonomia ministroaren txanda izan da gaur. Izan ere, ministroak iragarri du abenduaren 1etik aurrera Ipar Euskal Herriko eta Frantziako gasolindegiek ekoizpen kostuak baino merkeago saldu ahalko dutela erregaia. Le Mairek baino lehen, larunbatean, Elisabeth Borne lehen ministroak neurria iragarri zuen, eta «behin-behinekoa» izango dela adierazi zuen, Frantzian 1963tik debekatua baitago edozein ondasunen prezioa ekoizpen kostuak baino merkeagoa izatea. Hala, neurri hori aurrera ateratzeko legea aldatu beharko du Le Mairek, eta, Frantziako Asanbleak baiezkoa emanez gero, abenduaren 1ean sartuko da indarrean. Le Monde-ren arabera, irailaren 27ko Ministroen Kontseiluan aurkeztuko dute neurria. Batez beste, Ipar Euskal Herriko gasolindegietan gasoilo litro bakoitzak 1,943 euroko prezioa zuen atzo, eta 95 gasolinaren litroak, berriz, 1,913 eurokoa. Ikusi gehiago: Euskal Herriko gasolindegi bakoitzeko prezioak egunez egun. Erregaien banaketa enpresa handi eta txikiak daude, eta azken horiek dira neurri berri hori okerren ikusten dutenak, uste baitute hilabete gutxi barru enpresa txiki askok itxi egin beharko luketela, galerengatik. Hala, Francis Pousse gasolindegi txikien sindikatuko (Mobilians) presidenteak adierazi du halako neurri bati aurre egiteko indarrik ez duten enpresak konpentsatu beharko lituzkeela gobernuak. Haren ustez, indar handiagoa duten enpresek halako neurri bati aurre egin diezaiekete, eta bezero asko erakartzeko balioko die. Bestalde, findegiei eta petrolio saltzaile handiei egingo lieke onura, eskaria mantentzea edo oso gutxi murriztea lortuko bailukete.
2023-9-18
https://www.berria.eus/albisteak/232930/barbadoren-eta-zelaiaren-aurkako-espetxeratze-agindua-salatu-dute-ehunka-lagunek.htm
Politika
Barbadoren eta Zelaiaren aurkako espetxeratze agindua salatu dute ehunka lagunek
Bi gazte arabarrei elkartasuna agertu diete Amurrion, Agurainen eta Gasteizen.
Barbadoren eta Zelaiaren aurkako espetxeratze agindua salatu dute ehunka lagunek. Bi gazte arabarrei elkartasuna agertu diete Amurrion, Agurainen eta Gasteizen.
Galder Barbado eta Aitor Zelaia gazteen aldeko elkartasun oihuak ozen entzun dira gaur Araban. Ankerkeriari Stop plataformak deituta, ehunka lagunek bat egin dute arratsaldean bi gazteren aurkako espetxeratze aginduak salatzeko Agurainen, Amurrion eta Gasteizen deitutako elkarretaratzeekin. Aguraingo San Juan plazan, Amurrioko Herriko plazan eta Gasteizko Andre Maria Zuriaren enparantzan egin dituzten protestak. Ostiral arratsaldean egindako premiazko agerraldi batean, Ankerkeriari Stop plataformak jakitera eman zuen espetxeratzeko agindua jaso dutela bi gazteek. Agindua jasota, hamar eguneko epea dute borondatez espetxeratzeko; bestela, atxilotze agindua martxan jarriko du Espainiako Auzitegi Gorenak, maiatzean berretsitako lau urteko espetxe zigorra betearazteko. Auzitegi Nazionalak 2021ean ezarri zien zigorra, «armak eta munizioak gordetzea» egotzita. Gazteen askatasuna aldarrikatzeko hainbat deialdi egin dituzte. Hilaren 29ra arte, Euskal Herriko herri, auzo eta ikastetxeetan mobilizazioak antolatzeko eta elkartasun keinuak zabaltzeko deia luzatu dute. Irailaren 30ean, berriz, manifestazio batera deitu dute Gasteizen, 18:30ean. Horrez gain, elkartasun kamisetak hainbat lekutan salgai jarri dituzte: Amurrioko herriko tabernan, Aguraingo herriko tabernan eta Gasteizko Garraxi tabernan. Ankerkeriari Stop plataformaren baliabide kutxa ere eskuragarri jarri dute sarean, herrietan antolatzen diren mobilizazioen eta elkartasun dinamiken komunikazio bitartekoekin. Halaber, sare sozialetan #EuskalHerriakAurrera eta #AitorEtaGalderAske traolak erabiltzen jarraitzeko deia luzatu dute.
2023-9-18
https://www.berria.eus/albisteak/232931/osakidetzak-bronkiolitisaren-aurkako-txertoa-jarriko-die-arrisku-handiko-umeei-eta-jaioberriei.htm
Gizartea
Osakidetzak bronkiolitisaren aurkako txertoa jarriko die arrisku handiko umeei eta jaioberriei
Gaixotasun larria izateko arriskua duten hamabi hilabetetik beherako umeei eta urritik martxora jaiotakoei jarriko diete txertoa.
Osakidetzak bronkiolitisaren aurkako txertoa jarriko die arrisku handiko umeei eta jaioberriei. Gaixotasun larria izateko arriskua duten hamabi hilabetetik beherako umeei eta urritik martxora jaiotakoei jarriko diete txertoa.
Osakidetzak arnas birus sintzitialaren (bronkiolitisaren) aurkako txertoa jarriko die arrisku handiko umeei eta jaioberriei. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez, birus horrek sortutako gaixotasun larria izateko arriskua duten hamabi hilabetetik beherako umeek izango dute lehentasuna. Halaber, txertoa jarriko diete birusaren hedapen denboraldian jaiotakoei–urritik martxora bitartean, gutxi gorabehera–. Jaioberrien kasuan, jaio eta hurrengo egunetan jarriko zaie Nirsevimab txertoa. Nolanahi ere, Osasun Sailak ez du baztertzen 2024ko lehen hiruhilekoan jaiotakoei hedatzea txertaketa, egoera epidemiologikoaren arabera. Nafarroan, urriaren 1etik abenduaren 31ra jaiotako arrisku handiko umeak txertatzea erabaki zuen Osasun Kontseilaritzak joan den astean. Eusko Jaurlaritzak ez ditu bete Osasun Publikoaren Batzordearen azken bileretan adostutako gomendioak; izan ere, bilera horietan adituek aholkatu zuten txertoa sei hilabetetik beherako guztiei ematea, eta, ahal dela, urrian jartzea, birusa gehien zabaltzen den garaia iritsi baino lehen. Osakidetzak, aldiz, Euskadiko Txertoen Aholku Batzordeak ezarritako gomendioei kasu egin die: organo horrek ez du egokitzat jo txertoa unibertsalizatzea. Urte batetik beherako umeen artean arnas aparatuko infekzioen eragile nagusia da arnas birus sintzitiala, eta kasuen % 90etan bronkiolitisa sortzen du. Helduak ere gaixotu daitezke, baina haurren artean sortzen ditu sintoma larrienak, batez ere jaioberrietan.
2023-9-19
https://www.berria.eus/albisteak/232956/liher-taldeak-etenaldi-luze-bat-eginen-du-martxotik-aurrera.htm
Kultura
Liher taldeak «etenaldi luze bat» eginen du martxotik aurrera
Kideek azaldu dute atseden hartzeko premian direla. Izatez, ez dute argitu noiz bueltatuko diren: «Ez goaz betirako; baina noiz arte ere, ez dakigu oso ondo».
Liher taldeak «etenaldi luze bat» eginen du martxotik aurrera. Kideek azaldu dute atseden hartzeko premian direla. Izatez, ez dute argitu noiz bueltatuko diren: «Ez goaz betirako; baina noiz arte ere, ez dakigu oso ondo».
Geldialdia iragarri du Liher musika taldeak; «hibernazioa». Donostiako laukoteak 2021eko udazkenean plazaratu zuen azken lan luzea– Eta hutsa zen helmuga–, eta, orain, jakinarazi du «etenaldi luze bat» eginen duela diskoaren aurkezpen bira bukatutakoan. Aurretik, baina, «gero arte» esateko zenbait kontzertu iragarri dituzte 2024. urtearen hasierarako: martxoaren 2an izanen da azkena, Donostian. Taldeak ez du zehaztu etena noiz artekoa izanen den, baina iradoki dute biraren ondoko agurra «beste batzuetakoa baino garrantzitsua» izanen dela. «Ez goaz betirako; baina noiz arte ere, ez dakigu oso ondo». Izan ere, kideek nabarmendu dutenez, atseden premian dira, zortzi urtez «jo eta fuego» aritu ondotik. Edonola ere, Liherrek kontzertu mordoa du aurreikusia udazken honetarako. Zehazki, hamar emanaldi eginen ditu abendura bitarte; horietako zenbait, atzerrian. Ondotik, dagoeneko 2024an eginen ditu berriki iragarritako agur kontzertuak. Urtarrilaren 26an Gasteizen ariko da, Jimmy Jazzen; otsailaren 25ean, Bilboko Kafe Antzokian, eta martxoaren 2an, berriz, Donostian. Azken horri dagokionez, oraindik zehazteko dago zer aretotan joko duten.
2023-9-19
https://www.berria.eus/albisteak/232957/idoia-rodriguez-mondragonek-irabazi-du-eke-elkar-literatura-beka.htm
Kultura
Idoia Rodriguez Mondragonek irabazi du EKE-Elkar literatura beka
6.000 euroko laguntza izango du, eta 2024ko udaberrian kaleratuko du liburua.
Idoia Rodriguez Mondragonek irabazi du EKE-Elkar literatura beka. 6.000 euroko laguntza izango du, eta 2024ko udaberrian kaleratuko du liburua.
Ipar Euskal Herriko literatur sorkuntza bultzatzeko asmoz, Euskal Kultur Erakundeak eta Elkar fundazioak Gazteluma saria jarri zuten abian 2000. urtean, eta, orduz geroztik, bi urtetik behin, liburu proiektu bat lagundu dute diruz. Horri esker, denbora honetan, besteak beste, Eneko Bidegainen Anbroxio, Nora Arbelbideren Goizeko zazpiak, Katixa Dolhare-Zaldunbideren Biribilgune, Maialen Hegi-Lukuren Girgileri anderea eta Maddi Ane Txoperenaren Ene baitan bizi da lanak argitaratu dituzte. 2021ean, ordea, izena aldatu, eta Gazteluma zena EKE-Elkar literatura beka bilakatu zen. Hori ere bi urtetik behin banatzen dute, eta euskaraz idazten duten Ipar Euskal Herriko idazle guztiei zuzenduta dago. Lehenengo aldi horretan, Adur Larrearen Lurbinttoko ohoinak komiki proiektuak irabazi zuen. Aurten, Mirentxu Ibargaraik, Mayi Saint Estebenek eta Marie-Andree Ouretek osatutako epaimahaiak Idoia Rodriguez Mondragonek aurkeztutako proiektua saritzea erabaki du. Hain zuzen ere, 2023ko deialdirako hautatutako literatur generoa nerabeentzako narrazioa izan da. Epaimahaiak azpimarratu du kalitate handiko proposamenak aurkeztu dituztela aurten. Rodriguez Mondragonen proposamenak 15 urteko neska gazte baten bizipenak, ametsak eta gogoetak biltzen ditu, «umorez jositako narrazio batean».
2023-9-19
https://www.berria.eus/albisteak/232958/industria-uzkurtzeak-hazkundea-moteldu-du.htm
Ekonomia
Industria uzkurtzeak hazkundea moteldu du
Eustatek hamarren bat txikitu du urteko bigarren hiruhilekoaren emaitza: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomia %0,4 hazi zen udaberriko hilabeteetan.
Industria uzkurtzeak hazkundea moteldu du. Eustatek hamarren bat txikitu du urteko bigarren hiruhilekoaren emaitza: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomia %0,4 hazi zen udaberriko hilabeteetan.
Industria ekoizpenari buruzko azterketek iragarritakoa baieztatu dute Eustaten kontu ekonomikoek: bigarren sektorea atzeraldian dago, eta horrek galga egiten dio ekonomia osoari. Estatistika erakundearen arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPG barne produktu gordina %0,4 hazi zen urteko bigarren hiruhilekoan, lehenengoarekin alderatuz; urte arteko tasan, berriz, %1,5 hazi da. Datu bat zein bestea uztailean aurreratutakoak baino hamarren bat txikiagoak dira. Urte arteko tasa txikiena da 2021az geroztik, eta erakusten du hiru lurraldeetako ekonomia moteltzen ari dela, baina atzeralditik urrun dagoela oraindik. Eusko Jaurlaritzak %1,6ko hazkundea espero du aurten, eta %2,1ekoa, berriz, hurrengo urterako. Aurreikuspen horiek beteko balira, hiru lurraldeak eurogunearen halako bi haziko lirateke. Gero eta ezkorrago, Europako Batzordeak joan den astean berritu zituen ekonomiarentzako iragarpenak: hiru hamarren jaitsi zituen 2023koak —%0,8raino—, eta neurri horretan ere 2024koa —%1,3raino—. Familien gastua Aurtengo lehen bi hiruhilekoetako datuak eskuan, Gasteizko gobernuaren iragarpena betegarria dirudi, batez ere kontuan hartuta udako hilabeteetan turismoak ekarpen handia egingo zuela. Baina kezka iturri da industria, hura baita ekonomiaren motorretako bat, eta argi dago kalte egin diotela inflazio handiak eta bazkide handien pattalaldiak —Alemaniarenak bereziki—. Horrela, Eustaten arabera, urteko bigarren hiruhilekoan %0,6 txikitu da industriaren ekarpena Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horren zati handi bat energia sektoreari dagokio, manufakturan apalagoa izan baita gutxitzea (-%0,2). Urte arteko tasa ere negatiboa du industriak (-%0,5), lehen aldiz 2020. urteaz geroztik. Industriak baino pisu txikiagoa du lehen sektoreak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomian, baina hark ere atzera egin zuen apirilaren hasieratik ekainaren amaiera bitartean: -%1,3 aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, eta -%6,7 2022ko bigarren hiruhilekoarekin alderatuta.<br />Portaera hobea izan dute beste bi sektoreek: eraikuntzak eta zerbitzuek. Are gehiago, Eustatek dio jarduna bizkortu dutela: %0,4tik %1,2ra eraikuntzak, eta %0,3tik %0,4ra, berriz, zerbitzuek. Urte arteko hazkunde tasa indartsua du eraikuntzak (%4,2), eta txukuna zerbitzuek (%2,1). Eskariari dagokionez, familien gastua suspertu egin da (%0,6tik %1,6ra). Beheraka doaz gastu publikoa (-%2,5) eta kanpo sektorearen ekarpena. Lurralde historikoen artean ez da alde handirik. Hiruhilekoan Gipuzkoa hazi da gehien (%0,4) eta hamarren bat gutxiago Araba eta Bizkaia (%0,3). Urte arteko tasan, berriz, Arabakoa da emaitzarik onena (%1,6) eta atzetik doaz Gipuzkoa (%1,5) eta Bizkaia (%1,4). Enplegua, gora Hazkundea apalduz doan arren, ekonomia gai da enplegua sortzeko. Dedikazio osoko baliokide diren lanpostuetan neurtuta, 2022ko bigarren hiruhilekoan urtebete lehenago baino 14.500 lanpostu gehiago zeuden (+%1,5). Hiruhileko arteko tasan ere hazkundea izan da enpleguan (%0,7), baita industrian ere (%0,2). Nastatek ostiralean argitaratuko ditu Nafarroari dagozkion datuak. Uztailean aurreratu zuen BPGa %0,4 hazi zen hiruhileko arteko tasan, eta %2,1 urte artekoan.
2023-9-19
https://www.berria.eus/albisteak/232959/espainiako-gobernuak-esan-du-katalana-ofizialtzeko-bidea-lehenetsiko-duela-europako-batasunean.htm
Gizartea
Espainiako Gobernuak esan du katalana ofizialtzeko bidea lehenetsiko duela Europako Batasunean
Gaur zuten euskararen, katalanaren eta galizieraren ofizialtasun eskea aztertzeko bilkura Bruselan; Espainiako Gobernuko ordezkari Jose Manuel Albaresek esan du gaur egin duten urratsarekin bete dutela hartu zuten «konpromisoa»
Espainiako Gobernuak esan du katalana ofizialtzeko bidea lehenetsiko duela Europako Batasunean. Gaur zuten euskararen, katalanaren eta galizieraren ofizialtasun eskea aztertzeko bilkura Bruselan; Espainiako Gobernuko ordezkari Jose Manuel Albaresek esan du gaur egin duten urratsarekin bete dutela hartu zuten «konpromisoa»
Gaiaren inguruan bozkatu gabe amaitu da Europako Batasuneko Kontseiluan egin duten bilera. Han, aztertzekoak ziren Espainiako Gobernuak euskara, katalana eta galiziera EB Europako Batasunean ofizialtzeko egindako eskabidea, baina 27 estatuetako ordezkariek esan dute denbora gehiago behar dutela gaia aztertzeko. Bilerak 40 minutu eskas iraun du, eta hogei ordezkari inguruk hartu dute hitza. Kontseiluak kontuan hartu ditu haien zalantzak, eta esan du gaia berriz aztertuko dutela «aurreragoko bilera batean», datarik zehaztu gabe. Bileraren ostean, Espainiako Atzerri ministro Jose Manuel Albaresek jakinarazi du aldaketa gauzatzeko erritmo jakin bat proposatu dutela: aurrena katalanaren gaineko erabakiak hartzea proposatu dute. Gerorako utziko dituzte euskara eta galiziera. Bileraren ostean, Albaresek argudiatu du eskabidea eginda bete duela Espainiak gai honen inguruan hartu zuen «konpromisoa». Aintzat hartu behar da nondik nora egin zuen Madrilek gai hau Europako Batasunaren Kontseiluarenera eramateko urratsa. Abuztuaren 16an erregistratu zuen eskea, Junts per Catalunyak hala eskatuta. Carles Puigdemonten alderdiak jarritako baldintzetako bat izan zen, PSOEko ordezkari Francina Armengol Espainiako Kongresuko presidente hautatzearen truke. Bilkuran inolako «betorik» ez dela egon esan du, eta zer egin aztertzea erabaki dela. Kultura ministro Miquel Icetak, berriz, esan du gaur Bruselan baiezkorik lortu ez bada ere gaiaren gainean lanean jarraituko dutela. ERCko buruzagi Oriol Junquerasek nabarmendu du eskabidea aintzat hartu behar dela. Katalanak duen indarra erabili du argudio gisara; izan ere, gaur egun Europako Batasunean ofizial diren hamabi hizkuntzak katalanak baino hiztun gutxiago dituztela gogoratu du. Espainiako Gobernuak bere gain hartu zuen «konpromisoa» konplitzeko «erremintak» eta «arrazoibideak» badituela esan du, eta urratutako bidean aurrera jarraitu behar duela. Junts per Catalunyaren izenean, Miriam Noguerasek azaldu du «konfiantza» dutela Espaniako Gobernuak egoera birbideratzeko izan dezakeen «gaitasunean». Jakin izan denez, askotarikoak izan dira gainerako estatuek erakutsi dituzten zalantzak; legearekin lotutako dudak egon dira, finantzaketari buruzkoak, eta erabakiak erator ditzakeen aldaketa operatiboen ondoriozkoak. Neurriaren ondorioei buruzko txosten juridiko bat eskatu dute, besteak beste. Bilerara sartu aurretik egin dituzten adierazpenetan agerian utzi dituzte hainbat estatutako ordezkariek zalantzak. Aldaketaren onurak ELEN elkartean batuta ari dira Europako hizkuntza gutxituetan aldeko erakundeetako ordezkariak. Agerraldia egin zuten atzo Bruselan, eta aldaketak ekar ditzakeen «onurak» nabarmendu zituzten. Aldeko botoa eskatu zieten Europako Batasuneko 27 estatuetako gobernuei. Hizkuntzen«prestigioa» areagotzeaz harago, hainbat arlotan aurrerapausoak egiteko bidea arindu dezakeela uste dute. Euskalgintzaren Kontseiluaren izenean, idazkari nagusi Idurre Eskisabelek hartu zuen hitza. Azaldu zuenez, baldin eta erabakia hartzen bada, euskararen ofizialtasunak Euskal Herrian bertan dituen «paradoxak» agerian uzteko ere balioko du, eta bide horretan egin behar diren aldaketak aldarrikatzeko. Egun, 24 hizkuntza ofizial ditu onetsiak Europako Batasunak ofizial gisara. Horietako bakar bat da gutxitua: Irlandak lortu zuen 2022an onestea gaelikoa. Hiztunen kopuruari begira, euskara baino egoera soziolinguistiko kaskarragoa du: 200.000 hiztun inguru ditu. Gaia hizpide izan du gaur Eusko Jaurlaritzako eledun Bingen Zupiriak ere. Ofizialtasunaren gaineko eskeak aurrez egin izan direla esan du, eta Euskal Herriko erakundeek hauspotutakoak izan direla horietako hainbat. Europako Batasuneko Atzerri ministroek gaur gaia aztertzeko erabakia hartu izana «urrats bat» dela onartu du, eta espero duela prozesua burutzea Europako Batasunean euskararen ofizialtasuna onartuta. Espainiako Gobernuko buruek aurrena katalana lehenetsiko dutela jakinarazi dute gaur, eta, horren harira, Zupiriak esan du erabaki hori argudiatzeko ezin dela adierazi Kataluniako buruzagiek indar handiagoz egin dutela ofizialtasunaren aldeko eskea, Euskal Herritik ere ozendu izan den aldarria dela uste baitu. Zerrendatu egin ditu, hain justu, igaro urteotan egin diren hainbat eskabide. Eta ezinbestean bide horretan jarraitu behar dela uste du, Europaren «eleaniztasuna» goretsi behar den ezaugarri bat dela sinetsita. EAJk Madrilen esan du Espainiako Gobernuak egin duen urratsak ez duela lagunduko inbestidurarako negoziazioetan. EH Bilduk ere kritikatu egin du Espainiaren jarrera, eta «taktizismoa» leporatu dio.
2023-9-19
https://www.berria.eus/albisteak/232960/euskaraz-bizi-nahi-dutela-adierazi-dute-eh-bilduk-eta-eajk.htm
Gizartea
Euskaraz bizi nahi dutela adierazi dute EH Bilduk eta EAJk
Lehenbiziko aldiz mintzatu dira gaur euskaraz Espainiako Kongresuan, eta zuzeneko itzulpengintza sistema bat antolatu dute. Katalana, galiziera, aragoiera eta asturiera erabiltzeko aukera ere egon da. Hizkuntza koofizialak Kongresuan erabiltzeko erreforma tramitatzea onartu dute.
Euskaraz bizi nahi dutela adierazi dute EH Bilduk eta EAJk. Lehenbiziko aldiz mintzatu dira gaur euskaraz Espainiako Kongresuan, eta zuzeneko itzulpengintza sistema bat antolatu dute. Katalana, galiziera, aragoiera eta asturiera erabiltzeko aukera ere egon da. Hizkuntza koofizialak Kongresuan erabiltzeko erreforma tramitatzea onartu dute.
Espainiako Kongresuak onartu du hizkuntza koofizialak Kongresuan erabiltzeko erreforma tramitatzea, 179 aldeko boz jaso ditu, eta 171 kontrako. Dena den, aldaketa ez da ofiziala izanen datorren ostegunera arte. Bozketa baino lehenago, Kongresuan entzun ahal izan dira euskara, katalana eta galiziera. Euskaraz erran dituzten lehenbiziko esaldietako bat Mertxe Aizpuruaren (EH Bildu) aldarria izan da: «Euskaraz bizi nahi dugu». Gaur Kongresuan euskaraz hitz egiteko aukera izatea pauso «sinbolikoa» dela erran du, baina «neurri eraginkorrak» ere behar direla. Izan ere, haren erranetan, gaur egun ezinezkoa da Euskal Herri osoko erakunde eta zerbitzuetan euskaraz mintzatzea, hori «euskaldun guztien eskubidea» dela jakinda. Euskara, katalana, galegoa, aragoiera eta asturiera «bigarren mailako hizkuntza» bezala tratatzen direla erran du, eta, adierazi duenez, gaur Kongresuan euskaraz hitz egin ahal izan badute ere, Euskal Herrian ezin da euskaraz bizi. Adibide gisa jarri ditu euskararen kontra ebazten diren epaiak, edo zonifikazioarengatik Nafarroan bizi duten egoera. Nafarroa izan da, hain zuzen ere, Joseba Andoni Agirretxeak (EAJ) gogora ekarri dituen gaietako bat. Euskarak urte luzez jasan duen egoera salatu du eta UPNk hizkuntzarekiko duen jarreran jarri du arreta. Gaurkoa egun «garrantzitsua» dela erran du, baina ez bakarrik euskaraz, katalanez edo galegoz mintzo diren horiendako, baizik eta «gizarte guztiarentzat». EH Bilduk eta EAJk egindako adierazpenei erantzun die Alberto Catalan Higueras UPNko diputatuak. Haren iritziz, «Nafarroa ez da elebiduna; Nafarroan, gaztelania hizkuntza ofiziala da, eta euskara koofiziala eremu bakar batzuetan, baina alderdi independentistak kontrakoa esaten ari dira». Bigarren txandan, Agirretxea berriz ere mintzatu zaio UPNri: «Hizkuntzek ez dute bereizten, UPNk bai. Hizkuntza bi eremutan banatzen du, hizkuntza hori hitz egin dezaketenak alde batetik, eta beste hizkuntza bat hitz egitera behartzen dituztenak bestetik». Bertzetik, PPko diputatu Borja Senperrek PSOEri Kongresuko araudia ez aldatzeko eskatu badio ere, euskaraz egin du bere hitzaldiaren zati bat. Voxeko zenbait diputatu itzuliak ziren bilkurara; Senper euskaraz entzun bezain pronto, alde egin dute. Kongresuko gaurko saioa «guztiena dena erasotzea» dela azpimarratu du. Senperrek bere mintzaldia amaitu ostean, alderdiek bigarren txanda bat hasi dute. Katalana eta galegoa ere bai Euskaraz gain, gaurtik aurrera katalana eta galegoa ere erabili ahal izan dituzte Kongresuan, eta gaztelaniazko itzulpen sistema antolatu dute horretarako, behin-behinean. Francina Armengol Kongresuko presidenteak hartutako konpromisoak ireki dio bidea gaurko saioari, kargua hartu zuenean adierazi baitzuen Espainiako hizkuntza koofizialak Kongresuan erabiltzen ahalko zirela. Zehazki, alderdi subiranista katalanek Armengolen hautagaitza babesteko baldintza gisa jarri zuten euskaraz, katalanez eta galizieraz egin ahal izatea Kongresuan. Jose Ramon Gomez Besteiro PSOEko diputatuak hartu du hitza lehenengo, galegoz eta gaztelaniaz. Bera izan da, beraz, zuzeneko itzulpengintza zerbitzua erabili duen lehenbiziko diputatua. Garbi adierazi du Kongresuko araudian ez dagoela jasota gaztelania izanen dela bertan erabiliko den hizkuntza bakarra, eta ez duela debekatzen bestelako hizkuntzen erabilera. Gomezen solasaldia moztu du Voxek, eta, jarraian, gelatik irten dira alderdi horretako diputatuak. Marta Lois Gonzalez Sumarreko diputatua izan da hitza hartu duen bigarrena: «Espainian hainbat hizkuntza hitz egiten dira, eta hala egin behar da Kongresuan ere». Adierazi du ezin duela ulertu nola Kongresuan dauden alderdi guztiek ez duten baieztapen hori ulertzen, eta gogoratu du gaurko saioan «kexak» entzunen dituztela. Hala, azken horiek «Espainia ordezkatzeko gai ez diren gutxiengo bat» direla erran du. Gabriel Rufian (ERC) izan da hirugarrena, eta, aurreratua zuen moduan, katalanez mintzatu da. Euskara, katalana edo galegoa gaztelaniarentzat «mehatxua» direla erraten duten horientzat, egunerokoan ingelesezko zenbat hitz erabiltzen dituzten galdegin die, eta ea hori ez daukaten «mehatxutzat». «Gaztelania ez dago mehatxatua Katalunian, eta katalana ez da independentismoaren ondare esklusiboa», borobildu du. Aragoiera eta asturiera ere erabiltzen ahalko dira aurrerantzean, baina horiek erabiliz gero diputatuek beren burua itzuli beharko dute, ez baitira hizkuntza ofizialtzat hartzen. Erreforma Kongresuko araudiaren erreformari buruz mintzatzeko baliatu dute gaurko saioa. Erreforma proposamenean jasotzen denez, aldaketaren helburua da «pluraltasun linguistikoaren bidean aurrera egitea, eleaniztasuna errespetatzeko elementu gisa». Saioa 12:00etan hasi den arren, politikariak lehenago hasi dira Kongresura iristen. Oriol Junqueras ERCko presidenteak, adibidez, adierazpenak egin ditu kazetarien aurrean, eta gaurkoa egun «historikoa» izanen dela esan du. Gogoratu du «Kataluniako independentismoaren indar demokratikoari esker» lortu dela. Anitzen ahotan dabilen eztabaida ere gogora ekarri du, ez baitzaio «logikoa» iruditzen NBE Nazio Batuen Erakundean katalana erabili ahal izatea eta Kongresuan ez. Gainera, gaurkoa lortzeko denbora gehiegi igaro dela ere azpimarratu du. «Esklusibotasunik gabe» Badira, baina, Junquerasen iritziarekin guztiz bat ez datozenak ere: Joan Tarda ERCren Kongresuko bozeramaile ohiaren iritziz, katalana Kongresuan «lehentasunez» erabili behar da, baina «esklusibotasunik gabe». Hau da, Tardak dio ERCko diputatuak katalanez mintzatu behar direla, baina baita gaztelaniaz ere. Adierazi du berak errepublika katalan bat nahi duela, baina independentismoa beste hizkuntzetan ere egin behar dela: «Gaztelania katalan anitzen ama hizkuntza da». Aitor Esteban EAJren Kongresuko bozeramaileak ere adierazpenak egin ditu euskara erabili ahal izateko aukeraz: «Seinale argi bat da adierazteko herri bat garela, hizkuntza bat dugula, hura defendatu nahi dugula, komunikazio bide bat dela, eta euskal herritar asko euskaraz komunikatzen direla». Seinaleak seinale, euskara ez da alderdiak erabili duen hizkuntza bakarra, gaztelaniarekin ere tartekatu baitute, «eztabaidaren eta egoeraren arabera».
2023-9-19
https://www.berria.eus/albisteak/232961/kanadak-india-lotu-du-buruzagi-independentista-sikh-baten-hilketarekin.htm
Mundua
Kanadak India lotu du buruzagi independentista sikh baten hilketarekin
Trudeauk esan du «ebidentzia sinesgarriak» daudela New Delhiren parte hartzearen inguruan. Modiren gobernuak erantzun du «zentzugabea» dela hori.
Kanadak India lotu du buruzagi independentista sikh baten hilketarekin. Trudeauk esan du «ebidentzia sinesgarriak» daudela New Delhiren parte hartzearen inguruan. Modiren gobernuak erantzun du «zentzugabea» dela hori.
India jada ez zegoen pozik Kanadarekin, ez zuelako sikh mugimenduaren kontrako neurririk hartzen, eta orain Justin Trudeau lehen ministroaren adierazpen batek are gehiago gaiztotu du bi herrialdeen arteko harremana. Kanadako Komunen Ganberan, Trudeauk New Delhi lotu du Hardeep Singh Nijjar buruzagi independentista sikharen heriotzarekin, argudiatuta «ebidentzia sinesgarriak» daudela hori adierazteko. «Onartezina da, eta gure subiranotasunaren urraketa bat da atzerriko edozein gobernuk parte hartzea kanadar baten hilketan Kanadan», gobernuburuaren arabera. Nijjar joan den ekainaren 18an hil zuten, Surrey hiriko tenplu sikh baten kanpoan, tiro egin ziotenean. Hamarkadak ziren sikh komunitatearen independentziaren alde kanpaina egiten ari zela —Indiako Punjab estatutik atera eta Khalistan estatua sortu nahi dute—, eta India haren atzetik zebilen; kasurako, iragan 2020ko uztailean «terrorista» izendatu zuten. Ekintzaile independentista zena 1997an iritsi zen Kanadara, 20 urte zituela, eta New Delhiren arabera, Khalistango Bhindranwale Tigrea Indarraren eta Sikhak Justiziaren Alderen Kanadako adarraren buruzagia zen. Kanada da, hain justu, sikh gehien dituen herrialdea Punjabetik kanpo; horren erakusle, 2021eko erroldan, 770.000 lagunek esan zuten sikhismoa dela haien erlijioa. Indiako Gobernuaren ustez, diasporakoek mugimendu independentista berpiztu nahi dute —batez ere 1980ko hamarkadan izan zuten gatazka armatua Punjaben—, eta hori eragozteko eskatu dio hainbatetan Kanadakoari. Trudeauk esana du adierazpen askatasuna errespetatzen dutela, eta protesta egitekoa ere bai. «Kanada zuzenbide estatua duen herrialde bat da. Gure herritarren babesa oinarrizkoa da, gure subiranotasunaren defentsan», argudiatu du Kanadako lehen ministroak Komunen Ganberan egindako agerraldian. Eta, gerora, Melanie Joly Atzerri ministroak jakinarazi du Indiako «diplomazialari funtsezko bat» kanporatu dutela: «Espero dugu Indiak erabat kolaboratuko duela gurekin, eta afera honen muineraino iritsiko garela». G20koen bileran azalpen eske Trudeauk publikoki lehen aldiz eman du informazio hori, baina hilaren 9an eta 10ean Indian egindako G20koen goi bileran azalpenak eskatu zizkion herrialde horretako lehen ministro Narendra Modiri, bien arteko bilkura labur batean. Aurrez, hilaren 1ean, Ottawak jakinarazi zuen New Delhirekin merkataritza libreko akordio bat adosteko negoziazioak gelditu zituela, baina ez zuen hori egitearen arrazoirik eman. Indiak berehala erantzun du, eta, Atzerri Ministerioak kaleraturiko ohar baten bidez, esan du «zentzugabeak» direla Kanadako lehen ministroak eta Atzerrikoak egindako adierazpenak: «Zuzenbide estatuarekiko engaiamendua dugu». Eta, erantzun gisa, Kanadako diplomazialari bati bost eguneko epea eman diote herrialdetik ateratzeko, argudiatuta «Kanadako diplomazialariak barne aferetan geroz eta gehiago esku hartzen» ari direlako «kezka handitzen» ari dela. Trudeau gutxiengoan ari da gobernatzen, baina NDP Alderdi Demokratiko Berriaren kanpo babesa du bozketa garrantzitsuetarako. Hain justu, NDPren buruzagia, Jagmeet Singh, sikha da, eta kezkatuta agertu da Komunen Ganberan: «Ez nuen inoiz imajinatuko Kanadako lehen ministroak berretsi egingo zuela Kanadan kanadar herritar bat hil izanaren eta hori atzerriko gobernu batek egin izanaren arteko harremana».
2023-9-19
https://www.berria.eus/albisteak/232962/laquoudalgintza-feministaren-aldeko-apustuaraquo-egin-du-eudeleko-presidente-berriak.htm
Politika
«Udalgintza feministaren aldeko apustua» egin du Eudeleko presidente berriak
Gorka Urtaran Gasteizeko alkate ohiaren lekukoa hartu du Derioko alkate Esther Apraizek (EAJ) Eudeleko gidari gisa, Donostian egindako Batzar Nagusian. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udaletan 1.255 emakume hautetsi daudela azpimarratu du, horietatik 84 aginte makilarekin: hautetsi guztien %47 emakumeak dira udal horietan.
«Udalgintza feministaren aldeko apustua» egin du Eudeleko presidente berriak. Gorka Urtaran Gasteizeko alkate ohiaren lekukoa hartu du Derioko alkate Esther Apraizek (EAJ) Eudeleko gidari gisa, Donostian egindako Batzar Nagusian. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udaletan 1.255 emakume hautetsi daudela azpimarratu du, horietatik 84 aginte makilarekin: hautetsi guztien %47 emakumeak dira udal horietan.
Eudeleko euskal udalerrietako «herritarrak» udal horien «izateko arrazoia» direla esanez abiatu du Esther Apraiz lehendakari berriak bere hitzaldia, gaur, kargua hartzean. Derioko alkate jeltzaleak Donostiako Tabakaleran egindako Batzar Nagusian hartu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalak elkartzen dituen erakundeko presidentetza; Gorka Urtaran Gasteizko alkate ohiak eman dio lekukoa datozen lau urteetarako. «Udalak gara Euskadiko herrien eta hirien erronketatik hurbilen dauden erakundeak, Euskal gizartearen islarik onena. Horregatik, gure herriak aukera-udalerri bihurtzea lortu behar dugu, herritar bakoitzak bere bizi proiektua bere herrian garatu ahal izan dezan», esan du Apraizek. Derioko alkatea aho batez hautatu dute Eudeleko elkarteburu. Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea (EH Bildu) eta Jose Antonio Santano Irungo alkatea (PSE-EE) izango dira, halaber, Eudeleko lehendakariordeak. Biek ala biek beste agintaldi bat egingo dute elkarteburuorde gisa. Apraizek esan du Eudel «udalerrien ahotsa» dela, «plurala eta partaidetzazkoa». Erantsi du «tokiko autonomia eta finantza beregaintasuna bermatzeko lana» egiten duela elkarte horrek. Elkarteburu hautatu aurretik, jarduneko lehendakari gisa aritu da Alkorta. Azpeitiko alkateak esan du «udalen finantzaketa hobetzea eta Eudelek Euskal Herriko gainontzeko udal erakundeekin dituen harremanak sendotzea» ere izango direla elkartearen helburu nagusiak aurrerantzean. EH Bilduk bost ordezkari ditu zuzendaritza berrian, eta Alkorta bera izango da lehen lehendakariordea.«Garrantzitsua eta esanguratsua iruditzen zait zuzendaritza berri horretan ordezkaritza orekatuagoa eta zabalagoa izatea, horixe baita Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek udal hauteskundeetan adierazi zuten borondatea», adierazi du Alkortak. Ezker subiranistaren aldetik bi lan ildo azaldu zituen: Batetik, udalen finantzaketa hobetzea, «tokiko erakundeek herritarrei eskaintzen dizkieten zerbitzuak hobeak eta eraginkorragoak izateko». Eta, bestetik, «Eudelek harremanak sendotzea gainontzeko euskal udal erakundeekin». Udalbiltzarekin, adibidez. Apraiz elkarteburuak, berriz, aurrerantzean ere «elkarrizketa eta adostasuna zaintzea» proposatu du; «udalerri guztiek batera lan egin dezagun gure helburu amankomunen alde, eta herritarren ongizatearen eta bizi kalitatearen alde». Era berean, Derioko alkateak elkarteko beste alkateak gonbidatu ditu «Eudel marka harrotasunez» eramatera, «euskal udalgintzaren nortasuna» baita, harentzat. «Eudel denok gara», aldarrikatu du Batzar Nagusian. «Demokraziaren lehen erakundeen zutabeak» eraikitzen lagundu zuten euskal hautetsiak omentzeko mezu bat ere helarazi du Apraizek. «Tokiko politika demokraziaren sehaska da», azpimarratu du. Erronkei dagokienez, berriz, azpimarratu du herriak eta hiriak «trantsizio hirukoitzaren agertoki» direla gaur egun, trantsizio «soziodemografikoarena, digitalarena eta ingurumenekoarena», hain zuzen. Esan du tokiko gobernuek «eraldaketaren eragile nagusiak» izan behar dutela, «beste erakundeekin batera». Hiru lan ildo Udalerrientzat sor daitezkeen «aukera guztiak aprobetxatzeko», Apraizek hiru lan ildo proposatu ditu bere agintaldirako: lehen-lehenik, «udalgintza feministaren» aldeko apustua egitea, besteak beste, Eudel indartuz emakume hautetsiek udal politikan duten «lidergo eta eraginerako gune gisa». Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udaletan 1.255 emakume hautetsi daudela gogoratu du, eta horietatik 84k aginte makila dutela. Hautetsi guztien %47 emakumeak dira udal horietan. Horrez gain, «herritarrekin konfiantzazko zubiak eraikitzea» proposatu du Derioko alkateak, Eudel «irekiagoa, eraginkorragoa eta parte hartzaileagoa» egiteko, «adostasunetik abiatuta». Hirugarrenik, lankidetza instituzionala bultzatu nahiko luke bere agintaldian Apraizek, «udalerriek ekarpen handia egin behar duten politika publikoak lortzeko eta garatzeko». Euskara, gizarte zerbitzuak, berdintasuna, enplegua eta ingurumena aipatu ditu politika publikoei buruz aritzean.
2023-9-19
https://www.berria.eus/albisteak/232963/hezkuntzako-sindikatuek-laquogardentasunaraquo-eskatu-diote-gimenori-epez-kanpoko-matrikulazioen-kasuetan.htm
Gizartea
Hezkuntzako sindikatuek «gardentasuna» eskatu diote Gimenori, epez kanpoko matrikulazioen kasuetan
Nafarroako Parlamentuaren aurrean protesta egin dute Steilas, Anpe, Afapna, LAB, Sepna, UGT, ELA eta CCOO sindikatuek
Hezkuntzako sindikatuek «gardentasuna» eskatu diote Gimenori, epez kanpoko matrikulazioen kasuetan. Nafarroako Parlamentuaren aurrean protesta egin dute Steilas, Anpe, Afapna, LAB, Sepna, UGT, ELA eta CCOO sindikatuek
Prozesu gardena nahi dute. Hezkuntza alorreko sindikatu guztiek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Nafarroako Parlamentuaren aurrean, Hezkuntza kontseilari Carlos Gimenori eskatzeko araudia alda dezala epez kanpo matrikulatzen diren ikasleen harrera prozesuetan: opakutasuna eta datuen falta salatu dituzte, eta hori konpontzeko bidea galdegin diote kontseilariari. Steilas, Anpe, Afapna, LAB, Sepna, UGT, ELA eta CCOO sindikatuen ordezkariek parte hartu dute protestan. Azaldu dutenez, ohiko epetik kanpo matrirkulatzen diren ikasleak ez dira gutxi: «Joan den ikasturteko lehen egunetan, Nafarroako hezkuntza sistemak Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko 2.350 ikasle hartu zituen ohiko epetik kanpo». Ikasle horiek, gainera, «laguntza premia espezifikoak» dituzte hein handi batean, eta egungo baliabideak «ez dira aski», sindikatuen irudiko. «Ikastetxe bat baino gehiago dagoen herrietan, tokiko eskolatze batzordea arduratzen da ikasle horiek bertoko ikastetxe bati esleitzeaz, eta zenbaitetan, Batzorde Orokorrak esleitzen ditu, beste kasuistika batzuk daudenean». Halako kasuak banan-banan eta tentuz aztertu beharrean, ordea, «zuzenean esleitzen dituzte ikastetxe batera», horretaz arduratzen den batzordeko kide guztiek informazioa jaso gabe ere. «Kasu askotan, ezin da lortu haien funtzionamenduari buruzko daturik», kritikatu dute sindikatuek. Arazo horren oinarrian, duela bi urte aldatutako araudia dagoela salatu dute, irizpide berrien arabera, irakaskuntzako langileen ordezkariek presentzia txikiagoa baitute batzordeetan: «2021ean, ikasleak onartzeko araudia aldatu zuen Hezkuntza Departamentuak, eta batzorde horietan parte hartzen zuten eragileen kopurua murriztu zuen. Ordura arte, prozesua zaintzen zuten, besteak beste, irakaskuntzako langileen bi ordezkarik, eta horietako bat kendu zuten; orain, eskolatze batzordeetara ordezkari bakarra joan daiteke, izan irakaskuntza publikokoa, izan pribatu-itunpekokoa». Horregatik guztiagatik, hezkuntzako sindikatuek Gimeno kontseilariari eskatu diote, alde batetik, aldatzeko ikasleen onarpena arautzen duen 33/2021 Foru Dekretuaren 33. artikulua, langileen ordezkaritza lehengoratzeko; eta, bestetik, «ziurtatzeko batzorde horiek kide guztiei dei egiten dietela, eta informazioa helarazten dietela, opakutasuna eta daturik eza eragozteko».
2023-9-19
https://www.berria.eus/albisteak/232964/zuhaitzak-moztearen-aurka-protesta-egin-du-stop-tala-deusto-plataformak.htm
Gizartea
Zuhaitzak moztearen aurka protesta egin du Stop Tala Deusto plataformak
Bilboko Udalak aginduta, Agirre Lehendakariaren etorbideko zuhaitzak mozten hasi ziren atzo. Herritarren haserrea adierazteko, Stop Tala Deusto auzo mugimenduak manifestazioa antolatu du ostegunerako
Zuhaitzak moztearen aurka protesta egin du Stop Tala Deusto plataformak. Bilboko Udalak aginduta, Agirre Lehendakariaren etorbideko zuhaitzak mozten hasi ziren atzo. Herritarren haserrea adierazteko, Stop Tala Deusto auzo mugimenduak manifestazioa antolatu du ostegunerako
Agirre Lehendakariaren etorbidean zutik geratzen diren 60 zumarrak botatzeko obrak martxan jarri zituen Bilboko Udalak atzo arratsaldean. Gaur goizean protesta zaratatsua egin dute herritarrek, eta emakume bat zumar batera lotu da, modu sinbolikoan. Astigar hiruhortzak jarri nahi ditu zumarren ordez udalak, azken horiek gaixorik daudela argudiatuz. Stop Tala Deusto plataformak, ordea, zuhaitz «osasuntsuak» mozten ari direla adierazi du, eta zuhaitzen benetako egoerari buruz «gezurra esatea» leporatu dio udalari. Zuhaitzen mozketaren obrak hasiko zirela jakin zenetik, ostegunero protestak egin dituzte herritarrek, eta hala egingo dute ostegun honetan ere. Zumarren egoera txarra eta sustraien ahulezia dira mozketa egiteko udalak eman dituen arrazoiak, eta ondorio horretara iristeko «lorezaintzako adituen kritika tekniko zorrotzen pean» jardun dutela argudiatu dute. Bestelakoa da Stop Tala Deusto auzo mugimenduko kideen iritzia, ordea; biologian eta hiriko arboletan adituak direnen testigantzek baieztatu baitute zuhaitzak egoera onean zeudela. Nola edo hala, Marta Fernanz plataformako bozeramaileak udalaren gardentasun falta kritikatu du, udalak ez baitie zuhaitzen egoeraren espedientea erraztu, hura publikoa izanda ere. Egoera ikusita, Eusko Jaurlaritzari exijitu dio hiri zuhaiztia babestuko duen lege bat egitea.
2023-9-19
https://www.berria.eus/albisteak/232965/metamorfosi-ekologiko-eta-soziala-bizkortu-nahi-du-bizik.htm
Gizartea
Metamorfosi ekologiko eta soziala bizkortu nahi du Bizik
Euskal Herria Burujabe topaketak eginen dituzte urriaren 7an eta 8an, Baionan. «Lurralde jasangarri, burujabe eta solidarioa» aldarrikatuko dute.
Metamorfosi ekologiko eta soziala bizkortu nahi du Bizik. Euskal Herria Burujabe topaketak eginen dituzte urriaren 7an eta 8an, Baionan. «Lurralde jasangarri, burujabe eta solidarioa» aldarrikatuko dute.
Bi egun, berrogei hitzaldi, 150 elkarteren parte hartzea, eta animazio andana. Egitarau zabala antolatu du Bizi mugimendu ekologistak urriaren 7rako eta 8rako. Euskal Herria Burujabe topaketak eginen dituzte Baionan, «lurralde jasangarri, burujabe eta solidariorantz» jo behar dela aldarrikatzeko. Egun horietan egin zituzten Alternatiba Egunak orain dela hamar urte. Mugimendu horren urteurrena ospatzeko ere baliatuko dute ekitaldia. Frantziako Estatu osoko taldeak gomitatu dituzte parte hartzera, eta horietako bakoitzak hitza hartuko du ekitaldi berezi batean. Biziko kideen hitzetan, biztanleriak egun klima larrialdiaren erronkak «askoz gehiago» ulertzen dituen arren, «metamorfosi ekologiko eta soziala» bizkortu behar da. Proposamen berriak egin nahi dituzte, gizartearen «mobilizazio masibo» batera deitzeko. Izan ere, Biziren ustez, klima aldaketa ezin saihestuzkoa da gaur egun, baina mugatzen ahala da. «Hondamendi klimatikoak ugaritu ahala, gradu baten hamarren bakoitzak garrantzia du planeta osoan bizi baldintza duinak atxikitzeko», adierazi dute. Horregatik, Euskal Herria Burujabe topaketen bidez ekintza jakinak proposatu nahi dituzte, «erantzukizun eta ekintza maila kolektiboago» batera pasatzeko, eta herritarren parte hartzearen kultura indartzeko. «Globalizazio estraktibista suntsitzaileari buru egiteko xedez, denei harrera egiteko eta denen elikatzeko gai diren lurraldeak garatu nahi ditugu, elkarren artean solidario diren lurraldeak, orain eta etorkizunean. Uste dugu lurralde eskala dela mundu bizigarriago baten alde mobilizatzeko eta ekiteko molderik onena», baieztatu dute. Bi egunetarako antolatu dituzten ekitaldietan parte hartuko dute Manon Aubry Frantzia Intsumisoko eurodiputatuak, Joseba Azkarraga soziologoak, Delphine Batho Frantziako Gobernuko Ekologia ministro ohiak, Antidia Citores Surfrider fundazioko Europako bozeramaileak, Jean-François Julliard Greenpeacen Frantziako zuzendari nagusiak eta Amaia Muñoa ELA sindikatuko idazkariorde nagusiak, besteak beste. 2018an, Burujabe - Gure bizi baldintzak berreskuratuz dokumentua idatzi zuen Bizik. Aurtengo ekitaldia dela eta, bertsio berria argitaratu dute, Denon mundua eskuetan berriz har dezagun izenburuarekin. 6 euskoan eskuratzeko aukera izanen da. Halaber, aurreikuspen istorio labur bat ere ondu dute: 2053, Metamorfosiaren kontakizuna Euskal Herrian. Afixa moduan agertuko dituzte, eta urriaren 7ko eta 8ko ekitaldietan erakutsiko dituzte, karrikan barna.