date
stringdate
2012-09-20 00:00:00
2023-12-01 00:00:00
url
stringlengths
47
182
category
stringclasses
10 values
title
stringlengths
3
140
subtitle
stringlengths
0
1.17k
summary
stringlengths
5
1.18k
text
stringlengths
2
35.8k
2023-9-8
https://www.berria.eus/albisteak/232531/generacion-porno-dokumental-saioa-egin-dute-etbk-eta-tv3ek.htm
Bizigiro
‘Generación porno’ dokumental saioa egin dute ETBk eta TV3ek
Pornografiak gazteengan duen eragina erakutsiko du, taburik gabe. Hilaren 18an estreinatuko dute.
‘Generación porno’ dokumental saioa egin dute ETBk eta TV3ek. Pornografiak gazteengan duen eragina erakutsiko du, taburik gabe. Hilaren 18an estreinatuko dute.
«Sei urte edo gutxiagorekin hasten direnak ere badaude», azaldu du, kezkatuta, Jose Luis Garcia psikologo eta sexologoak, hitza hartu bezain laster. Errealitate gordina, baina, errealitatea, finean. «Gazteak geroz eta goizago hasten dira pornoa kontsumitzen; eta kezkagarriena da porno hori geroz eta bortitzagoa bilakatzen ari dela. Gainera, haurrek bi klik baino ez dituzte egin behar indarkeriazko bideo horiek ikusteko». Arazo horrek «motibatuta» bezain «kezkatuta», ETBk eta TV3k, Shine Iberia ekoiztetxearekin elkarlanean, Generación porno dokumental saila ekoitzi dute. Dokumentalak lau familiari egindako elkarrizketak ditu oinarri; baina, horiez gain, abeslari, pornografiaren industriako aktore eta gaiari buruzko aditu ugariren lekukotzak jaso dituzte. ETB2k gazteleraz emango du dokumental saioa, hilaren 18tik aurrera, lau ataletan. TV3ek nagusiki katalanez emango du, hilaren 26tik aurrera, hiru saiotan. Dokumentalaren aurkezpena Gasteizko Europa biltzar jauregian egin dute, FesTVal jaialdian. Ekoizleekin batera, Garcia psikologoa, Marina Marroqui gizarte hezitzailea, eta dokumentalean parte hartu duten ama-seme batzuk ziren. Aurrerapen txiki bat eskaini ostean, ikus-entzunezkoan lantzen diren gaiei buruzko solasaldiarekin hasi dira. Heziketa sexuala, teknologia, indarkeria eta ezjakintasuna izan dira mintzagai nagusiak. Pornografia, «droga bat» Marroquik azaldu duenez, gaur egungo 12 eta 14 urte bitarteko gazteek sexu harreman «erabat basatiak» dituzte, eta ikusten duten guztia imitatzeko joera dute: «12 urteko haur bat negarrez etorri zitzaidan behin, bere aitak salatu egin zuela-eta arrebaren aurrean bere buruari ukituak egiteagatik». Umeak guztiz ezabatuta zeukan gaizki eta ondo dagoenaren arteko muga, «pornoaren ondorioz». Hala ere, Marroquik argi du ez dela pornografiaren ondorioz bakarrik. Sexu heziketa garaikide baten beharra azpimarratu du, gazteen kezkak entzun ditzakeena eta irtenbideak bilatzen lagundu diezaiekeena. «Eta ez datza platano bati kondoi bat jartzean». Azaldu dutenez, etxean giro osasuntsu eta seguru bat sortu beharra dago gurasoek eta seme-alabek sexuari buruz hitz egiteko. Amak «irekia» zela pentsatzen zuen, dokumentala grabatu aurretik, baina espero ez zituen gauza asko ikusi eta entzun ditu. «Harrituta geratu nintzen, hunkituta, eta zeharo kezkatuta». Hain zuzen ere, «etxe guztietan» gertatzen den errealitate bat dela jakinarazi nahi diete ama-seme horien inguruko dokumentala ikusi dutenei. Garcia psikologoak gehitu du pornografia «droga bat» dela, ez kontsumituz soilik desager daitekeena: «Bien bitartean, XXI. mendeko kokaina izango da aurrerantzean ere». FesTValeko aurkezpenaz gain, dokumentalaren aurrestreinaldia egin zuten atzo 19:30ean, Bilboko Alondegian.
2023-9-7
https://www.berria.eus/albisteak/232532/engainatzen-ez-uztea.htm
Iritzia
Engainatzen ez uztea
Engainatzen ez uztea.
Azkenaldian, herri honek amore eman duelako sentipena zabaldu da. Ohikoa da norberaren estatua ameskeria bat eta iraganeko oroitzapen lauso bat dela entzutea. Horrek pentsarazten digu gure jendeak beharbada alde batera utzi duela independente izateko gogoa, eta jada ez duela sentitzen herri askea izateko beharra, dagoeneko ez duelako herritzat hartzen ere berea. Baina, aldi berean, beren berezitasun linguistiko, kultural, soziologiko, historiko eta abarrez egiten duten erakusketak agerian uzten du oraindik ere oharkabean nolabaiteko maitasuna sentitzen dutela diren horrekiko, eta, beraz, beren buruaren beraren eta beren liderren uste guztia eta itxaropena baino ez dute galdu beharbada; harrotasun nazionala, autoestimua galdu dute. Gizabanakoen autoestimua haien herri edo nazioei lotuta al dago, bada? Herri edo nazio batek sentimendu bera duten pertsonak biltzen dituen heinean, eta horien nortasun kolektiboak norbanakoaren nortasuna osatzen duen heinean, norbanakoaren autoestimua, besteak beste, taldearekiko identifikazioaren bidez indartzen da. Gure kasuan bezala estatua bahitua dieten herrietan ez ezik, are finkatuta dauden estatuetan ere, jendeak bere buruarengan, besteengan edo bere liderrengan konfiantzarik ez duenean, herri-duintasuna galtzen da eta herri hori nazio zapuztua da. Gizarteak bilauei agintzen uzten badie, gizarte hori galbidean sartzen da. Horrexegatik da hain funtsezkoa, estatuaren egoera politikoa eta ekonomikoa gorabehera, estatu horrek bere buruari egiten dion propaganda. Pentsa zer-nolako propaganda-premia duten, orduan, izena zikintzeko halako kanpaina basatia sufrituta askatasun-gogoa bera ere galdu duten herriek! Gizarte heldu orotan, garrantzi handieneko faktoreetako bat, beraz, emantzipatzeko, autonomiarako eta norberaren aukeretan konfiantza izateko desira da, hau da, autoestimu egokia izateko nahia, eta autoestimu horrek, gainera, gizarte horren iraupena bermatzen du. Gerra-garaian, autoestimua eta duintasun nazionala gudu-zelaian irabazten eta galtzen dira. Konkistatua eta hainbeste urtean okupatua dagoen gure herri honetan, berebiziko ahalegina egin behar da gutxieneko duintasun nazionalari eusteko, eta, erresistentzia gidaturik eta eraginkorrik ezean, nekez dakar oposizio espontaneorik. Okupatzaileak, herriko botere latentearen jakitun, herri okupatua, militarki eta ekonomikoki esplotatzeaz gain, azpigarapen ideologikoan atxiki behar du, haren askatasun-desira berriro piztuko duen amodio propioaren zantzu oro ezabatzeko. Rousseauk zioenez, «nahiko erraza da herriak engainatzea; askoz zailagoa, baina, haiek usteltzea». Izan ere, konkistatutako herrien erabateko asimilazioa hobeto ziurtatzeko, eraginkorragoa da, eta ez hain neketsua, haien segurtasun eskasean eragitea ideologia baten bonbardaketa jarraituaren bidez, zeinak identitate-bereizgarriak diluitzea helburu duen (are haien historia bera ezkutatuz edo lausotuz ere), setio-egoera iraunkorra mantentzea baino. Izan ere, indarkeria fisikoak, okupazio-egoeretan beti berme bat bada ere, agerian uzten du bizitzarako mehatxu bat dagoela, indarkeria hori modu nabarmenean erabiliz gero, eta horren ondorioa defentsa-erantzun instintiboa ematea izaten da. Herri okupatuetan barneratzeko prozesu horretarako, denbora guztia dute beren alde, bai eta hezkuntza- eta propaganda-agente ugari ere beren zerbitzura. Agente horien artean, zeregin nagusietako bat betetzen dute herri okupatuetakoak bertakoak izanik «engainua» bideragarriagoa egiten dutenek. Indarraren bitartez menderatutako herria, haren autoestimua murriztuta, gidatu, manipulatu, estutu eta erosi egiten da, sistema menderatzailearen balio eta egiturak dituzten eta sustatzen dituzten gizarte-erakundeetan parte har dezan eta, horrela, sistema hori legitima dezan. Erakunde horiek beren ideologia inposatzen dute eta herri menderatuari ideologia horretan parte harrarazten diote, eta, hala, ukatu egiten dute herria okupatuta daukatela. Prozesu horren bidez, bezatu eta menderatu dute gure jendearen gaitasun kritikoa. Tankera honetako baieztapenek agerian uzten dute herriak bere egin duen moral biktimista, eta gatazkaren benetako dimentsioaz eta berak gatazka horretan betetzen duen lekuaz ohartzeko duen ezintasuna: «Indarkeria mota oro utzi behar dugu, bizikidetzaren eta bakearen mesedetan», «arrazistatzat joko gaituzte», «sentsibilitate [pentsaera] guztiak errespetatu behar ditugu», «indarkeria gaitzesten dugu, batzuena eta besteena». Herriari sinetsarazi zaio ezinezkoa dela (eta, are gehiago, beharrezkoa ere ez dela) egoera politikoa iraultzea, posibilismo politikoa koartada edo alibitzat hartuta, mende hauetako guztietako menderakuntzak gaitasuna kendu baligu bezala gure bide propioa askatasunean irudikatzeko. Estatu totalitario modernoek adierazpen-askatasunaren, irakaskuntzaren, eskubideen, irekitasunaren eta abarren mozorro edo estalki baten atzean ezkutatzen dute beren monopolio ideologikoa, munduan demokrata-jantzian soilik aurkez daitezkeelako, beren jatorrian dituzten eta beren sistemari eusten dioten oinarriak ezkutatuz. Demokrata-plantak egin behar horren barruan daude elkarrizketarako, borondate ona izateko, bizikidetza baketsurako eta abarrerako deiak eta elkartasunerako eta sentimendu onak izateko aipamenak. Horren guztiaren ondorioz, menderatuaren baitan halako errudun-sentimendu bat sortzen da, bide ematen duena, askapen nazionalerako mugimenduei egotzi nahi zaien zaharkitu-kiratsarekin batera, norberarena den guztia desprestigiatzeko besteenaren mesedetan, eta elementu bereizgarriak esfera kostunbristenera baztertzeko (haiek funtsean duten alde politikoa indargabetuta), herria erremediorik gabe desagertzeko bidea ezkutatzen duen "normalizazio" prozesu batean. Makineria homogeneizatzaileak ez du atsedenik hartzen, eta autoafirmazio-agerraldiak gertatzen direnerako ez zaio baliabiderik falta haien aurka egiteko eta herria diskurtso hutsalekin eta kontzeptu zentzugabeekin entretenituta edukitzeko; horretan, bertako kolaboratzaileekin elkar hartuta dihardu, zeinek postulatu inperialistak legitimatzen baitituzte, demokratak balira bezala. Ez al da gizakiek eta herriek berezkoa duten autodeterminaziorako eta defentsa legitimorako eskubidea hutsaltzeko modu bat delako erabakitzeko eskubidea? Zeurez zarena eta zure erabakitzeko ahalmenarekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik zarena erabakitzeko eskubidea? Horra berriz ere engainua: inperialismoaren pean dugun eskubide bakarra men egiteko eskubidea eta etsaiaren promesetan konfiantza izateko eskubidea da. Espainiako jurisdikzioaren arabera, Espainian ez dago inperialismorik, eta euskal herria ez da existitzen; Espainiako herria baino ez dago. Beraz, Euskal Herriaren autodeterminazio-eskubideak ez du izateko arrazoirik, existitzen ez denak ez baitu eskubiderik. Logika horren arabera, herri bat ez bagara eta okupatuta ez bagaude, Espainiako herriaren parte gara, eta, beraz, Espainiako herritar gisa ditugun eskubideak baino ez ditugu, eta herritar guztiok erabakitzen ditugu espainiar gisa dagozkigun gaiak. Agindu horretatik abiatuta, ez al da barregarria pentsatzea euskal herriaren existentzia bera sistematikoki ukatu dutenek askapen nazionalaren bidea erraztuko diotela? Engainatzen ez uztea da herriek bete behar duten lehen araua; izan ere, manipulazio-prozesu horren amaieran herriak emantzipatzeko gogoa galduko balu eta talde nagusiaren ideologia guztia bere egingo balu, herria desagertu egingo litzateke. «Herri konkistatu eta menderatuari nolabaiteko itxaropena ematen dio bere egoera (konkista- eta menderatasun-egoera) anormaltzat hartzeak eta emantzipatzeko nahiari eusteak, nahiz eta askatasuna lortzeko baliabide militar edo politikorik ez izan. Aitzitik, herria, obeditzea agintzen badu, desegin egiten da egintza horren bidez, eta herritasuna galtzen du». Zergatik erakusten dugu gutxiagotasun-konplexu hori azpiratzen gaituzten eta libre bizitzen uzten ez diguten horien aurrean? Zergatik ez diegu erantzuten haien erasoei, amodio propioa duen beste edozein herrik egingo lukeen bezala? Bada garaia herri gisa harro sentitzeko, etsaia identifikatzeko eta eszeptizismoz ikusteko helburutik gure arreta desbideratzen duen edozein kontzesio edo distrakzio dialektiko. Bada garaia behingoz erreibindika dezagun okupatzailearen ideologia neutralizatuko duen lidergoa, gure autoestimua indartuko duena eta posizio estrategiko baterantz politikoki bideratuko gaituena. Izan ere, bakarrik gure benetako egoera ezagutzen dugunean —bake, demokrazia, biktima, normalizazio eta hutsaldutako antzeko kontzeptuen esanahia ulertzen dugunean—, independentziaren aldeko borroka askatasunaren eta justizia globalaren aldeko borroka dela onartzen dugunean, eta politika zientzia bat dela ulertzen dugunean —inondik inora ere ez arau etikoak eta boluntarismoa— eta bere hartan tratatu behar dugula, gai izango gara badaukagun indar hori guztia bideratzeko eta gure herria subjektu politiko aktibo eta independente izatea ahalbidetuko duen ekimen politikoa sortzeko: estatu bat.
2023-9-7
https://www.berria.eus/albisteak/232533/oso-latza-izan-da-plazaratu-du-xabier-mendigurenek.htm
Kultura
'Oso latza izan da' plazaratu du Xabier Mendigurenek
Joxe Arregiren atxiloketatik, haren gorpua hilobitik atera eta, torturaz hil zela frogatzeko, zenbait lagunek argazkiak egin zizkioten arteko egunetan ardaztu du kontakizuna. Kronika literariotzat aurkeztu du.
'Oso latza izan da' plazaratu du Xabier Mendigurenek. Joxe Arregiren atxiloketatik, haren gorpua hilobitik atera eta, torturaz hil zela frogatzeko, zenbait lagunek argazkiak egin zizkioten arteko egunetan ardaztu du kontakizuna. Kronika literariotzat aurkeztu du.
Memoria kolektiboan zintzilik geratu ziren hitzak dira: «Oso latza izan da». 1981eko otsaila hasieran esan zizkien Joxe Arregik Carabanchelgo espetxeko erizaindegian (Madril), hilzorian zela, alboan suertatu zitzaizkion hiru preso politikori. Handik egun gutxitara hil zen, jasandako tratu bortitzaren ondotik, eta lorratz sakona utzi zion horrek Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editore eta idazleari. Herritar gehientsuenek bezala, ordea, 2009ra arte ez zuen jakin zenbait lagunek isilpeko plan bat egin zutela, lurperatu eta egun gutxira, Arregiren gorpua hilobitik jaso, hilkutxatik atera, eta argazkiak egiteko, begi-bistan gera zedin gertatutakoaren neurria. Amagoia Gurrutxaga kazetariak eman zuen horren berri egunkari honetan, 28 urte geroago. «Horrek eman zidan bidea», aitortu du Mendigurenek (Beasain, Gipuzkoa, 1964). Erreportajea irakurri zuenetik, buruko zoko batean izan duela gordeta pasadizo hura, harik eta udaberrian, ezustean, zerbait martxan jarri zitzaion arte. «Martxo bukaeran, Zizurkilgo eskolan [Gipuzkoa], bere umea jasotzen ikusi nuen Virginia Ameztoi, Bixente Ameztoiren alaba. Ondoan nuen emaztea; hasi nintzaion kontatzen, eta, ttak, hor ikusi nuen kontatzeko modua». Zizurkilgoa zen Arregi ere, eta hango hilerriko gorputegian haren gorpuari argazkiak ateratzen aritu zirenean artean egon ziren Bixente Ameztoi artista eta Juan Kruz Unzurrunzaga ETApm-ko kide ohia —azken honek kontatu zizkion gertatutakoak Gurrutxagari—. Hiruko horri begira ondu du Oso latza izan da (Elkar) Mendigurenek. «Narrazio bat eraikitzeko, literaturan oso ondo funtzionatzen du pertsonaia ezberdinak elkarrekin jartzeak, eta Arregi, Ameztoi eta Unzurrunzaga oso izaera markatukoak ziren, zirkunstantzia oso diferenteak zeuzkatenak, bai soziologikoki, bai psikologikoki. Horrek eman zidan idazten hasteko ideia». Kontatu duenez, ideia izan eta «berehala» jarri zen idazten. Idazten eta dokumentatzen, nahiz eta bigarren lanaren parte handi bat aurreratuta zeukan. Orain, aldiz, aipatutako lagunen ingurukoak elkarrizketatu ditu, eta, oro har, «kontatzeko gogoa» topatu duela aipatu du —aurkezpenean izan dira elkarrizketatuetako batzuk; Roberto Lertxundi politikari ohia eta Virginia Montenegro Ameztoiren alarguna, tartean—. Testigantza zuzenak bildu arren, garbi utzi nahi izan du: «Ez dut fikzio bat idatzi, baina idazteko modua bada nobelista batena. Ez nuen saiakera bat, ez kazetaritza lan bat egin nahi. Fikziorik gabeko nobela bat da, Rodolfo Walshen eta Truman Capoteren estiloan. Kronika bat, baina modu literarioan idatzita». Ukitu poetikoa, tragedia, umorea Estiloan bada gorabeherarik, dena den. Liburuak badu «hats poetiko bat» hasieran eta azkenetan —egileak bere burua txertatu du kontakizunaren amaieran; zortzi atal dira denera—, baina tarteko gertakariak aletzeko «estilo estandarrago baten» alde egin du. Kontatzen direnak lazgarriak izanda, liburuaren tonua «tragikoa» denik ez du ezkutatu, baina aipatu du Unzurrunzagaren eta Ameztoiren bizitzek umore ukitua ere erantsi diotela testuari. Aipatu du, halaber, zenbait gauza nahita utzi dituela liburutik kanpo, Arregiren heriotzatik gutxira gertatutako Antonio Tejeroren estatu-kolpe saiakera eta ETApm-ren behin betiko su etena, esate baterako. Kontatu nahi izan ditu, ordea, 1981eko otsailean gertatutako beste batzuk: Arregi atxilotu zuten egunean bertan, Juan Carlos Borboikoa eta Sofia Greziakoa Espainiako errege-erreginei ongietorria egin ziela Karlos Garaikoetxeak Gernikan (Bizkaia), eta juntetxera sartu eta diskurtsoa irakurtzen hasi zenean, Herri Batasuneko batzarkideak Eusko gudariak kantatzen hasi zirela, ukabilak airean. Edo nola Arregirena gertatu baino astebete lehenago hil zuen ETAk Jose Maria Ryan Estrada, Lemoizko zentral nuklearreko eraikuntzen ingeniariburua. Mendiguren: «Liburua ez da politikaz asko mintzatzen —protagonistak beren ideiak zituzten eta horien konstatazio bat egiten da, ez horien aldeko apologiarik edo juiziorik—, baina bai torturari buruz, ze hitz egin behar da. Arregi, [Gurutze] Iantzi, [Mikel] Zabaltza aipatzen dira askotan, baina torturaren sistematikotasuna frogatuta dago, ez judizialki, baina bai testigantzen eta Pako Etxeberriak-eta egin dituzten txostenen bidez. 10.000 kasutik gertu egon gaitezke. Gurea bezalako herri txiki batean, izugarria da hori». «ETApm oraindik indarrean zen» Aurkezpenean, baina, garai hartako giro politikoaz aritu da Mendiguren. Gogora ekarri du, besteak beste, 1980ko hamarkadan eskuineranzko biratze bat orokortu zela Mendebaldean. «[Margaret] Thatcher igo zen boterera Erresuma Batuan, [Ronald] Reagan AEBetan, lehenxeago Juan Pablo II.a aita santua... Bigarren Mundu Gerratik 1980ra arte ezkerreranzko bira soziologiko bat egon zen bezala, buelta ematen zaio horri, eta bira kontserbadore bat hasten da. Euskal Herrian ere gertatzen da». Euskal Herrian, «eskema politiko eta psikologiko bat» finkatu zen orduan, idazlearen ustez. Gutxienez hamar bat urte iraun zuena. «Labur esanda, Herri Batasunaren munduan sortzen da sinesmen bat garaipena posible dela, gogorra dela, gauza itsusiak egin beharko direla, asko sufrituko dela, baina garaipena, edo halako zerbait, posible dela. Eta hori ez da gertakari politiko bat bakarrik; horrek sortzen du RRV adibidez. Gizarte osoa blaitzen duen erresistentziako kultura bat, kontrabotereak sortzeko eskema bat». Esan du, halaber, behin ETApm deseginda ez duela uste Arregiri egindako argazkiak posible izango zirenik. «Argazkiak ateratzen aritu ziren batzuk, Unzurrunzaga kasurako, ETApm-ren ingurukoak ziren. Garai hartan ETApm oraindik indarrean zen eta militarrekin gaizki konpondu arren, bazuten sinesmen bat borroka beraren parte zirela. Hori erabat aldatzen da hilabete gutxira, eta ETApm-tik zetozenak onartu egiten dute nolabait trantsizio espainiarra, eta asko urruntzen dira». Urtetxo batzuk ziren Mendigurenek ez zuela argitaratzen, eta pozik azaldu da liburu berriarekin. «Urteak ziren ez nuela idazten. Batek nahi du zerbait diferentea esan liburu berri batean, bai edukiz eta bai estiloz, eta idazten hastean konturatzen nintzen idatziak ditudanen moldekoak ateratzen zitzaizkidala». Andrea Mantegnaren Kristo hila-ren zati bat erabili du lan berriaren azalerako, eta hark aurreratzen du lanaren beste ezaugarri bat: sinbolismo erlijiosoari egin dion lekua. «Nire formakuntzagatik, beharbada, ezinbestez etorri zitzaidan gogora, eta ez dut ukatu nahi izan. Ez dut gehiegi azpimarratu, baina agertu, agertzen da». Garbi erakusten du lanaren azpitituluak ere: «Joxe Arregiren pasioa, herioa eta berpiztea».
2023-9-7
https://www.berria.eus/albisteak/232534/ela-lehendakariak-gaizki-eginikoa-ez-du-onartzen-nekez-konponduko-du-horrela.htm
Ekonomia
ELA: «Lehendakariak gaizki eginikoa ez du onartzen, nekez konponduko du horrela»
Iñigo Urkulluk sindikatuari eginiko kritikak «hauteskunde aurreko giroan» kokatu behar direla uste du Mitxel Lakuntzak. Zail ikusten du LABengana gerturatzea.
ELA: «Lehendakariak gaizki eginikoa ez du onartzen, nekez konponduko du horrela». Iñigo Urkulluk sindikatuari eginiko kritikak «hauteskunde aurreko giroan» kokatu behar direla uste du Mitxel Lakuntzak. Zail ikusten du LABengana gerturatzea.
ELA sindikatuaren ustez, «hauteskunde aurreko giroa» da azken egunetan Jaurlaritzak eta EAJko agintariek egin dizkieten kritiken arrazoia. Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak «arreta desbideratzeko» nahia egotzi die Iñigo Urkullu lehendakariari eta Andoni Ortuzar EBBko presidenteari. Are gehiago, autokritika falta leporatu die, eta hori arriskutsua dela gizartearentzat: «Gizartearen haserrea gobernuaren erabakien ondorio dira. Lehendakariak ez du hori ikusi nahi, ez du onartzen gaizki egiten duena, eta horrela nekez konponduko du». Halaber, zehaztu du, sindikatuaren jarduna aztertu duen edonork badakiela kritikoak izan direla EH Bildurekin. ELA sindikatuak urte berrirako asmoen berri eman du, eta agerraldiak karga politiko handia izan du, bai behintzat Lakuntzaren analisian. Lehendakariak «higatze estrategia» baten barnean egotea egotzi zion ELAri, eta Ortuzarrek, EH Bilduren eta LABen eskutik jardutea. Idazkari nagusiak biei erantzun die. Aurrenekoari esan dio onar dezala gizartearen haserrea bere erabakiaren ondorio dela, eta sindikatuak «presionatzen» jarraituko duela politikak alda ditzan. Bigarrenari, aldiz, erantzun dio ELAren autonomia politikoa ezin dela auzitan jarri, eta horren eredu dela EH Bilduri askotan leporatu diotela ez duela oposiziorik egiten. Kritika ez da hor bukatu, eta Lakuntzak nabarmendu du, haren ustez, lehendakariak «beti» egiten duela bat patronalarekin, eta ELAri bizkarra ematen diola baina ez duela arazorik jendea pobretzen duten enpresekin biltzeko: «Bankuak, petrolio konpainiak, argindar enpresak... Sanchez Galan Iberdrolako presidentea erraz aurkitu daiteke EAJren ekitaldietan». Gai berean, eta, Urkulluk aurkeztu konbentzio konstituzionalaren inguruan galdetuta, esan du ez duela harengan sinesten, EAJk azken urteetan izan duen jarrerarekin bat ez datorrelako: «Plantak egiten ari da. 25 urte dira autogobernua higatzen ari direla, eta ez du ezer egin». LABekiko harremana ere hartu du hizpide. Iragan asteartean, Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak onartu zuen sindikatuen arteko harremanak hobetzea nahiko lukeela. Lakuntzak, aldiz, zail ikusten du gerturatze mugimendurik egotea luze gabe: «Azken urtean LABek hartu dituen erabaki estrategiko batzuk gurearen aurkako norabidean doaz. CCOO eta UGTrekin lan itunak sinatu ditu, eta ezertarako balio ez duten elkarrizketa sozial mahai batzuetara itzuli da». Zaintza, zahar etxeak... Negoziazio sindikalari dagokionez, erosahalmenaren defentsan eta genero arrakalaren aurka borrokan jarraituko dutela aurreratu du Amaia Muñoa idazkari nagusiaren albokoak. Azaldu du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langileen %52k lan hitzarmena berritua zutela, eta soldatak batez beste %4,93 igo direla aurten «Datu horiek Espainiako batezbestekoak baino hobeak dira, eta, hala bada, grebei esker izan da». Igoera horiek, baina, ez dira eremu guztietan egon, eta gogoratu du funtzionarioen soldatak %2,5 igo direla. «Patronala erakunde publikoak direnean, soldata igoerak txikiagoak dira». Langile askok hitzarmena berritua dute, baina oraindik %46 inguru dira indarrean ez dutenak edo lan itunik ez dutenak. «Gehienak emakumeak dira, gainera. Gizonezkoak gehiengoa diren sektoreetan errazago lortzen dira akordioak», azaldu du. Alde horretatik, berritzeke dauden hainbat lan itun izendatu ditu: zahar etxeena Araban eta Nafarroan; ostalaritzarena, elikagai salmentarena eta esku hartze sozialarena Bizkaian; eta garbikuntzarena Gipuzkoan. Azaroaren 30eko greba «mugarri» bilaka dadila Lan urte berriko ekinbiderik garrantzitsuenetakoa da, hain zuzen, Euskal Herriko mugimendu feministak azaroaren 30erako egina duen greba orokorrerako deialdia. Zaintza sistema publiko eta komunitarioaren aldeko lanuztera deitu du, eta ELAk bat egin du deialdiarekin. Muñozek azaldu du egun hori borroka feministaren «mugarria» bilakatu nahi dutela, eta lanean hasiak direla hura antolatzeko: «Beste fase bat ireki da irailean, eta kaleko presentzia handitukoa da, besteak beste. Greba orokor feminista erronka itzela da, eta gure jendearekin landu behar dugu deialdia lantoki guztietara irits dadin». Era berean, azaldu du deialdiak bat egiten duela sindikatua zaintzaren eremuko langileekin eta sektore feminizatuetan egiten ari den lanarekin. LAB, ESK eta Steilas sindikatuek ere bat egin dute deialdiarekin.
2023-9-7
https://www.berria.eus/albisteak/232535/molanok-irabazi-du-espainiako-vueltako-hamabigarren-etapa.htm
Kirola
Molanok irabazi du Espainiako Vueltako hamabigarren etapa
Esprinter kolonbiarra ezustean nagusitu zaio azken metroetan Kaden Grovesi. Lehen garaipena du itzuli handi batean. Roglicek lau segundoko gainsaria lortu du
Molanok irabazi du Espainiako Vueltako hamabigarren etapa. Esprinter kolonbiarra ezustean nagusitu zaio azken metroetan Kaden Grovesi. Lehen garaipena du itzuli handi batean. Roglicek lau segundoko gainsaria lortu du
Denek espero zuten gaur Kaden Grovesek (Alpecin) hirugarren aldiz eskuak jasotzea helmugan, baina esprintetan ez du beti azkarrenak irabazten, eta gaur, bizkorrenak irabazi du: Juan Sebastian Molanok (UAE). Etapa hasieran gorputzaldi onarekin zela onartu du, eta egun osoan ezkutuan joan ondoren, azken metroetan azaldu da esprinter kolonbiarra. Bere aurreneko garaipena lortu du itzuli handi batean. Etapa jaitsi eta segituan alde egin dute Jetse Bolek (Burgos) eta Abel Balderstonek (Caja Rural). Bi minutu eta erdiko errenta izatera heldu dira, baina tropelean, bi horiek etapa irabazteko aukera handirik ez zutela ikusita, ez dira asko larritu. Hala eta guztiz ere, Alpecin-Deceunickek bere ziklistak buruan jarri, eta lasterketa kontrolpean izaten ahalegindu da aurreneko kilometrotik. Ibilbideari erreparatuta, esprinterrentzako egun oso aproposa zen, eta Grovesen taldeak ez du aukera pasatzen utzi nahi izan; izan ere, gehienez, beste bi abagune izango baitituzte txirrindulari azkarrenek besoak jasotzeko helmugan. Haizea protagonista izan zitekeela argi zuten denek, baina, azkenean, uste baino indar gutxiagorekin jo du, eta ez da haize babesik sortu. Etaparen amaiera aldera saiatu dira tropela zatitzen, baina, orokorrean, nahiko lasai hartu dute eguna txirrindulariek. Lasaitasun horrek, baina, batzuetan deskuiduak dakartza berarekin, eta helmugarako 111 kilometroren faltan eroriko bat izan da tropelaren atzealdean; Omar Fraile (Ineos) egon da tartean. Santurtziarra, zorionez, ez da erori, baina bere bizikleta lurrean zen Dani Navarrorenarekin (Burgos) trabatuta geratu da. Kilometroek aurrera egin ahala, ihes eginda zihoazen bi lagunek nekea geroz eta gehiago nabaritzen hasi dira, bereziki, errepidea alda gora jarri denean, eta oso tarte gutxian zeukaten ia errenta guztia galdu dute. Baina Alpecingo ziklistek ez dute presarik izan ihesaldia azkar botatzeko. Tropelak Zaragozara (Espainia) iristeko 44 kilometro falta zirela harrapatu ditu Bol eta Balderstone. Burgosko ziklista herbeheretarrak, baina, berriro tropelari aurrea hartzea erabaki du, eta kilometro gutxi batzuk gehiago egin ditu lasterketa buruan. Azken metroetan Alpecinek dena kontrolpean zuela zirudien, baina helmugaratzeko oso gutxiren faltan, UAEko Rui Oliveirak, ezustean, aurrea hartu die, eta aukeran jarri dio Molano taldekideari aukeran etapa garaipena. Esprinter kolonbiarrak ez du hutsik egin. Groves ahalegindu da Molano harrapatzen, baina bigarren postuarekin konformatu behar izan du australiarrak. Sailkapen nagusiko postuetan ez dago aldaketarik, baina Primoz Roglicek (Jumbo) lau segundo hartu ditu tarteko esprintean. Sepp Kussek (Jumbo) jarraitzen du lider, eta Marc Soler (UAE) 26 segundora dago. Euskal ziklistarik onena Mikel Landa da (Bahrain): murgiarra 11. postuan dago, Kussengandik hiru minutu eta 21 segundora. Bihar, Tourmalet Azken bi egun hauek lasai antzean hartu badituzte ere, bihartik aurrera beste kontu batzuk izango dituzte. Aurreneko aldiz amaituko da Vueltako etapa bat Tourmaleten. Pirinioetako mendate mitiko horrek soilik sona handia ematen dio biharko etapari, baina tropelak beste hiru igaro beharko ditu: hasi eta berehala Portaleteko azken kilometroak igo beharko dituzte (Hirugarren Maila), gero Aubisque (maila berezikoa), Spandelles (Lehen Mailakoa) eta amaitzeko, Tourmalet (Maila Berezikoa). 135 kilometrora ez da iristen ibilbidea, baina sailkapen nagusiko ziklistek mugitzeko egun aproposa dute, oso gogorra baita. Askorentzat hau da ekitaldi honetako etapa nagusia.
2023-9-7
https://www.berria.eus/albisteak/232536/hezkuntza-sailak-ezetsi-egin-ditu-eskola-garraioko-enpresek-eskatutako-kautelazko-neurriak.htm
Gizartea
Hezkuntza Sailak ezetsi egin ditu eskola garraioko enpresek eskatutako kautelazko neurriak
Zerbitzu juridikoek ondorioztatu dute legezko baldintzak ez dituztela betetzen. Errekurtsoak ebatzi bitartean, zerbitzua eskaintzeko betebeharra dutela gogorazi die Jaurlaritzak enpresei.
Hezkuntza Sailak ezetsi egin ditu eskola garraioko enpresek eskatutako kautelazko neurriak. Zerbitzu juridikoek ondorioztatu dute legezko baldintzak ez dituztela betetzen. Errekurtsoak ebatzi bitartean, zerbitzua eskaintzeko betebeharra dutela gogorazi die Jaurlaritzak enpresei.
Katramilatuta jarraitzen du eskola garraioaren auziak eta koska bat gora egin du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren eta garraio enpresen arteko talkak. Hezkuntza Sailak ohar bidez jakinarazi berri du ezetsi egin dituela garraio enpresek zerbitzua ematera derrigortzen dituen aginduaren aurka eskatutako kautelazko neurriak. Hezkuntza Saileko zerbitzu juridikoek ondorioztatu dute enpresek emandako argudioek ez dutela betetzen kautelazko neurriak onartzeko betekizun legalik, eta beraz, ez onartzea erabaki dute. Horiek hala, eta garraio enpresek aurkeztutako helegiteak ebatzi bitartean, Eusko Jaurlaritzak enpresei gogoratu die eskola garraioko zerbitzua ematen jarraitzeko betebeharra dutela, joan den asteartean argitaratutako aginduan jasotako ibilbideetan eta kontratu berri bat gauzatzen hasi bitartean. Hezkuntza Sailak azpimarratu du eskola garraioa «funtsezko zerbitzua» dela eta hori ez bermatzeak zuzenean erasotzen diola hezkuntza eskubideari. «Interes orokorreko» arrazoiak argudiatuta, Jaurlaritzak atzera bota ditu kautelazko neurriak. Hezkuntza Sailaren iritziz, kautelazko neurriak ez hartzeak ez die kalterik eragingo enpresei: «Prestazioa ordaindua izanik, zerbitzua emateak konpainia bakoitzari eragingo dion kostu osoa ordainduko dela ezarrita, eta % 6ko errentagarritasuna aurreikusita, nekez ondoriozta daiteke kautelazko neurriak ez hartzeak kalterik eragin diezaiekeenik». Errekurtsoa aurkeztu duten enpresek emandako beste argudio bat ere atzera bota du gobernuak. Enpresek diote eskola garraioa egin ahal izateko foru aldundiek emandako baimena ez zela garaiz atera, baina zerbitzu juridikoek uste dute «faltsua» dela argudio horren oinarrian dagoen premisa, baimen horiek emateko prozedura berezi bat duelako Hezkuntza Sailak foru aldundi bakoitzarekin, eta azken urteotan aplikatu izan delako, arazorik gabe. Gogoratu du, halaber, joan den ikasturte hasieran ez zela inolako arazorik egon eskola garraioko zerbitzua emateko, nahiz eta enpresen eta Eusko Jaurlaritzaren arteko akordioa ikasturtea hasi aurreko gauean lortu zen, «zerbitzua hasi baino ordu batzuk lehenago».
2023-9-7
https://www.berria.eus/albisteak/232537/gizon-bat-hil-da-errenterian-etxeak-su-hartuta.htm
Gizartea
Gizon bat hil da Errenterian, etxeak su hartuta
Hiriaren erdigunean gertatu da ezbeharra. Ertzaintzak ikerketa bat hasi du sutea zerk eragin duen argitzeko.
Gizon bat hil da Errenterian, etxeak su hartuta. Hiriaren erdigunean gertatu da ezbeharra. Ertzaintzak ikerketa bat hasi du sutea zerk eragin duen argitzeko.
52 urteko gizonezko bat hil da gaur Errenterian, Herriko Enparantzako etxebizitza batek su hartuta. 20:20 aldera, larrialdi zerbitzuek sutearen abisua jaso dute. Suhiltzaileak hara bertaratu dira, eta biktima etxebizitzatik bizirik ateratzea lortu dute, baina, hura suspertzen saiatu diren arren, handik gutxira zendu da. Sutearen ondorioz, udaltzainek eta suhiltzaileek etxebizitza horren inguruko kaleak eta erdiguneko plazatxo bat hustu behar izan dituzte. Ertzaintzak ikerketa abiatu du sutea zerk eragin duen ikertzeko, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
2023-9-8
https://www.berria.eus/albisteak/232562/hondarribiko-alkateak-eliz-atarian-egin-dio-harrera-jaizkibel-konpainiari.htm
Gizartea
Hondarribiko alkateak eliz atarian egin dio harrera Jaizkibel konpainiari
Gernika Plazatik abiatu da konpainia parekidea 08:00 inguruan, eta arma plaza bete du. Arbuio batzuk izan diren arren, txalo eta babes oihuen artean egin du bidea kale nagusian gora. Eliz atarian zituen zain Igor Enparan Hondarribiko alkatea eta Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia. Manuel Lezertuak ez dio harrerarik egin alarde baztertzaileari.
Hondarribiko alkateak eliz atarian egin dio harrera Jaizkibel konpainiari. Gernika Plazatik abiatu da konpainia parekidea 08:00 inguruan, eta arma plaza bete du. Arbuio batzuk izan diren arren, txalo eta babes oihuen artean egin du bidea kale nagusian gora. Eliz atarian zituen zain Igor Enparan Hondarribiko alkatea eta Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia. Manuel Lezertuak ez dio harrerarik egin alarde baztertzaileari.
Berezia izan da gaur Hondarribiko Jaizkibel konpainia parekidearen desfilea. Alarde eguna da gaur, eta, beste behin, ehunka emakume soldaduz jantzita atera dira, azken ia hiru hamarkadetan egin bezala. Baina keinuak espero ziren, eta izan dira. Gernikako Arbola plazatik irten da Jaizkibel. Aspaldi eskatua zuten hori, eta gaur lortu dute. Horrez gain, lehen aldiz Hondarribiko alkateak harrera egin die, eta eliz atarian, gainera, alardeari ofizialki egin ohi zaion tokian. Maiatzeko hauteskundeez geroztik, Igor Enparan (Abotsanitz) da alkate Hondarribian. Emakumeen parte hartzearen inguruko gatazka piztu zenetik, EAJk izan du alkatetza, eta inoiz ez du halako urratsik egin hautu parekideari atxikimendua erakusteko. Aurten ere Hondarribiko EAJ ez da egon Jaizkibeli egin dioten harreran. Bai, ordea, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia. Aurreko urteetan, modu pertsonalean egiten zien txalo emakume soldaduei, eta, aurten, modu instituzionalean harrera egin die; eliz atarian horrek ere. Txaloak eta «Emakumeak alardean» oihuak Alborada 05:00etan hasi da. Ordurako betea zen Hondarribiko Kale Nagusia; atzo jarri zen jendea lekua hartzeko. 08:00etarako prest zen Jaizkibel konpainia kalean gora joateko. Bidean txaloak izan dira nagusi, nahiz eta arbuio keinu bat edo beste izan den. Normal-normal igo dira emakume soldaduak. Eliz atarian zituzten zain Igor Enparan alkatea, Eider Mendoza ahaldun nagusia, Manuel Lezertua arartekoa, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria eta Jose Antonio Rodriguez Ranz Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen sailburuordea, besteak beste. Agintariak, tartean Igor Enparan alkatea aginte makilarekin, eliz atarian zain. Mikel Elkoroberezibar Beloki Han jakinarazi du Manuel Lezertuak azkenean ez diola harrerarik egingo alarde baztertzaileari. Lehen aldiz EAEko arartekoa horiei harrera egitekoa zela jakinarazi zuen atzo, ohar bidez: «Arartekoa Alardean izango da udal agintari gorenaren ekimena babesten duela adierazteko, Hondarribiko herritarrak Alardearen inguruan batzeko apustuan». Gaur goizean Hondarribian, ordea, adierazi du gaizki-ulertu bat izan zela, eta ez da geratu desfile baztertzailea txalotzera. 09:00etan zen abiatzekoa alardea, emakumeak soilik kantinera postuan onartzen dituzten konpainiek osatuta; hari harrera egin diote, ordea, Enparanek, Mendozak eta Ranzek. Eliza ataritik pasatu, eta Arma Plazarantz joan da Jaizkibel. Aipagarria da bete egin dutela konpainia parekidekoek. Aurten ere ehunka emakume atera dira, eta harro desfilatu dute soldadu jantzita. Kale Nagusian behera itzuli, eta Sainduaren irudiaren aurrera joan dira gero. Jaizkibelen bidean pankarta handi bat zabaldu du: Hau ez al da guztion alardea? Eutsi, Jaizkibel jartzen zuen.
2023-9-8
https://www.berria.eus/albisteak/232563/igor-enparan-hondarribiko-alkatea-herritar-guztiek-merezi-dute-harrera-egitea.htm
Gizartea
Igor Enparan, Hondarribiko alkatea: «Herritar guztiek merezi dute harrera egitea»
Jazkibelek «aurrerapausoak» eskertu ditu, baina nabarmendu du ezinbestekoa dela alardea bakarra, publikoa eta parekidea izatea.
Igor Enparan, Hondarribiko alkatea: «Herritar guztiek merezi dute harrera egitea». Jazkibelek «aurrerapausoak» eskertu ditu, baina nabarmendu du ezinbestekoa dela alardea bakarra, publikoa eta parekidea izatea.
Desfile parekidea amaitu ondoren hitz egin dute harrera egin dioten agintari gehienek. Bi desfileak amaitu ostean hartu du hitza Hondarribiko alkate Igor Enparanek. Berak sustatu ditu aurten alardeari eta Jaizkibel konpainiari harrera egiteko egon diren berritasunak, eta pozik baloratu du emaitza. Jaia herriko «ondare immateriala» dela esan du, «babestu» beharrekoa. «Urrats txikiak egin ditugun sentipena daukat», nabarmendu du: «Maila instituzionalean urratsak egin ditugu». Hain justu ere, pozgarria iruditzen zaio alderdi guztiak egon izana «harrera instituzionalaren gunean» bi desfileei harrera egiten; gogoratu du hori aldarri parekidea hasi eta horren ondoriozko gatazka hasi zenetik lehen aldiz gertatu dela. Argi du keinua ezinbestekoa zela: «Herritar guztiek merezi dute harrera egitea». Hondarribiko EAJk, adibidez, ez dio harrerarik egin Jaizkibeli; Hondarribiko EH Bilduk, Emakundek eta Arartekoak ez diote harrerarik egin hautu baztertzaileari. Baina, hala ere, urrats garrantzitsuak egin direla uste du Enparanek. Udalaz kanpoko erakunde guztiei eskertu die egindako deiari erantzun izana. Hemendik aurrerako pausoak herritarren artean «adostu» behar direla uste du, eta, horren atariko, herrian «adiskidetze» prozesu bat behar dela adierazi du. Gaur desadostasunak ikusi badira ere, udalean talde politiko guztiek adierazpen instituzional batean bat egin dutela azaldu du, eta horri eman behar zaiola garrantzia. Aginte makilarekin agertu da Enparan. Esan du oroitzen duela bera umea zenean, alardea udalak antolatzen zuenean, alkateak alardeko burgumaisuari eman ohi ziola makila hori. Berritu nahi luke berriz keinu hori. «Baina gaur egun ezinezkoa da». Kontuan hartu behar da udaberrian gertatu zela alkatetza aldaketa Hondarribian. Urteetan EAJko alkateak egon dira, eta horiek uzkurrak izan dira beti aldarri parekidea dela eta. Igor Enparan, ordea, Abotsanitz plataformako ordezkaria da, eta bestelako jarrera izan du. Areago, maiz esan du alarde publiko eta parekide bat duela xede. Gaur berriz gogoratu du generoaren araberako bereizkeriarik ezin dela onartu alardean, eta herritar guztiek dutela parte hartzeko «eskubidea». Eguna «hunkigarria» izan dela esan du: «Emozio handikoa». Aurrera jarraitze aldera, «konfiantza esparruak» sortzen jarraitu behar dela nabarmendu du. Udalean horretarako urratsak egin badira ere, herritarrengana zabaldu behar dira orain. Gipuzkoako ahaldun nagusi Eider Mendozak, Jaizkibel konpainiako kapitain Nora Ferreirak eta Ane Garcia kideak, Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak, Jose Antonio Rodriguez Ranzek (Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Memoria eta Kooperazio sailburuordea), Maddalen Iriartek (EH bilduren bozeramailea Gipuzkoako Batzar Nagusietan), Miren Gorrotxategik (Elkarrekin Podemos-IUko bozeramailea) eta Iosu Alvarezek (PSE-EEko zinegotzia Hondarribiko Udalean) ere hartu dute hitza gaur: Eider Mendoza, Gipuzkoako ahaldun nagusia «Egun handia da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, ikusita azkeneko urteetan herrian egon den mugimendua, gure ekarpena egin nahi izan dugu elkarrizketaren alde; eztabaida egiteko alde guztiak aitortu beharrean gaude. Horixe da gaurkoan egin nahi izan dugun ariketa. Errespetu guztiz igaro da dena. Gu pozik gaude gaurkoan, eta etorkizunari begira eskatzen duguna da, hain justu, hori: elkarrizketa eta errespetua». «Edozer gauzaren gainetik, jakinda zailtasun handiak egon direla urteetan eta urteetan, aldundiaren jarrera eraikitzailea da, eta hori egin nahi izan dugu». «Nik badakit erabaki honen aurrean kritika asko egongo dela, bagenekien egongo zirela. Baina guk jarrera eraikitzailea nahi izan dugu, eztabaidaren aldekoa, eta errespetu handiz gure ekarpena egiten dugu, apal. Uste dugu aitortu egin behar direla haien artean eztabaida bat izateko. Aitortzarik gabe ez dago eztabaidarik. Elkar aitortzen ez baldin bada, ez dago eztabaidarik». Nora Ferreira eta Ane Garcia, Jaizkibeleko kapitaina eta kidea «Oso pozik gaude, goiza oso polita izan baita. Urtero gero eta jende gehiago gara Jaizkibelen, 1000 pertsona inguru izan gara. Jende asko ari da urtero desfilatzen, eta jende asko dago espaloietan txalotzen ere. Lehenengo urtea izan da Gernikako Arbolatik atera garena, eta beste konpainietako kide asko egon dira gu txalotzen, eta hori Jaizkibelentzat oso positiboa izan da. Oso-oso kontent gaude». «Bestalde, lehenengoz alkateak harrera egin digu, eta hori ere positiboki baloratzen dugu. Nabarmendu nahi dugu alarde baztertzaileari ere harrera egingo diola alkateak, eta, oraindik normaltasunik ez dagoen momentu honetan, guretzat, alarde baztertzaileari harrera egitea ez da hautu neutro bat. Oraindik ere gure herrian banaketa eta bazterkeria bultzatzen duen talde bati harrera egitea da. Beraz, Jaizkibelek ez du oso begi onez ikusten alkateak haiei ere harrera egitea, nahiz eta guri ere egitea positiboa den». «Aurten keinu txiki batzuk egon dira: Gernikako Arbolatik abiatu gara goizean, eta hori oso ondo iruditzen zaigu; orain Guadalupeko botoan udalbatzaren atzetik sartuko gara... Aurrerapausoak dira, baina ez dugu ahaztu behar gure borrokan jarraituko dugula. Jaizkibel emakumeen eskubidearen alde dago; guk nahi duguna da alardea publikoa izatea, bakarra eta parekidea». Miren Elgarresta, Emakundeko zuzendaria «Beste behin ere, Emakunde berdintasunean disfrutatzen den festa parekideari babesa ematera etorri da Hondarribira. Aurten keinu berri bat badugu gaurko festan; keinu hori udalaren eskutik etorri da. Nolabait lehen aldiz udal korporazioak harrera egin dio konpainia parekideari. Beste elementu gehigarri bat izan da proposamen horri gehitu egin zaiola Gipuzkoako Foru Aldundia. Aldundiak lehen aldiz hartu du konpainia parekidea». «Keinuak oso garrantzitsuak dira, eta Emakundek asko baloratzen ditu keinu guztiak, baldin eta zubiak eraikitzeko eta elkarrizketarako abaguneak sortzeko badira. Agian keinu txikia izan arren, nik nahiko nuke denbora gutxi barru benetan motorra bilakatzea berdintasunerantz, eta egiaz eta era eraginkorrean, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna lortu ahal izateko. Nik uste dut ikusi duguna inoiz gertatu ez dena dela. Aitortza bat helarazi diogu konpainia parekideari, Jaizkibeli, urte luzez izan duen aldarri horri aitortza eskaintzeko». «Emakundek positibotzat hartzen du keinu hau, baina badakigu ez dela bakarra. Badaude ahots batzuk adierazten, erreklamatzen eta eskatzen dutenak guztion alarde bat edukitzea. Ez bakarrik ahots batzuek. Nik uste dut denbora honetan, gure gaurkotasunez, gizarteak eskatzen duela giza antolamenduan emakumeentzat eta gizonentzat espero den berdintasuna. Horretan erakundeek ezin dugu hutsik egin, eta gure esfortzu guztia jarri behar dugu honen alde, berdintasunaren alde». Jose Antonio Rodriguez Ranz, Giza Eskubideen, Memoria eta Kooperazio sailburuordea «Eusko Jaurlaritzaren izenean nator. Ilusio handiarekin etorri naiz, bat egiteko alkateak izan duen ekimenarekin. Azken batean, gatazka gainditzeko edo bideratzeko modu bakarra da elkarrizketa. Modu bakarra da tentsioa eta polarizazioa gainditzea. Bide horretan urrats berriak egin daitezen bultzatzeko etorri naiz». «Oraingo blokeo egoera gainditzeko, mugitu egin behar dugu, mugitu egin behar dira aldeak. Elkarrizketa da bide bakarra. Hondarribitarrek bilatuko dute irtenbidea. Ni ziur naiz iritsiko dela irailaren 8 bat non tentsiorik gabe eta festa giroan ospatuko den alardea». Maddalen Iriarte, EH bilduren bozeramailea Gipuzkoako Batzar Nagusietan «Iruditu zaigu azken aste eta hilabeteotan aurrerapauso batzuk eman direla udalaren partetik. Adibidez, alkatea Hondarribia Berdintasun Hiria Sarietan egon da eta gaur Jaizkibel konpainiari harrera egin dio. Baina iruditzen zaigu akatsa dela Gipuzkoako Foru Aldundiak egoera berdinean jarri izana errealitate honen bi alderdiak, batzuek parekidetasunaren alde borroka egin dutelako urte luzez, eta beste batzuek parekidetasunaren aurka egin dutelako urte luzez. Iruditzen zaigu horrek, neurri batean, konplize egiten dituela, parekidetasunaren kontrako konplize egiten dituela. Ez dugu uste legitimoa denik bi egoerak parekatzea eta hauspotzea bi errealitateak posible direla». «Euskal Herria Bildutik lanean jarraituko dugu, elkarrizketaren bidez lanean jarraituko dugu, ea behingoz, 26 urte igaro eta gero, egoera hau gainditzen dugun eta hemendik aurrera alarde bakarra, publikoa, parekidea eta guztiok batera ospatzeko modukoa erdiesten dugun». Iosu Alvarez, PSE-EEko zinegotzia Hondarribiko Udalean «Espero dut gaur normaltasuna izatea. 2007an zinegotzi bihurtu nintzenetik eliz atarian egon naiz biei harrera egiten. Joan den urtetik hona beste aurpegi bat ikusten da, baina oraindik jorratzeko dagoen bidea luzea da, eta aurrera begira ikusiko dugu. Errespetuz ibili behar da, eta elkartasunean. Nik uste dut hori dela alderdi sozialistaren helburua, orain eta aurrera begira». «Nik uste dut gatazkaren konponbidea gizarteak berak eman behar duela. Udaletik lagundu dezakegu, baina gizarteak berak egin behar du lana. Orain, bihar, etzi... Baina gizarteak izan behar du». «Betiko alardeari ere harrera egingo diogu. Gure politika beti biribila da, eta denborak arrazoia eman digu». Miren Gorrotxategi, Elkarrekin Podemos-IUko bozeramailea Eusko Legebiltzarrean «Oso egun berezia da. Jaia hunkigarria da, eta egun berezia da mugarri bat markatzen duelako borroka feministan orokorrean, jai parekideak lortzeko. Herrian sortzen denean mugimendu berdinzale bat, horrek tsunami batek bezala funtzionatzen du, eta erakundeek herriaren agindua bere gain hartzen dutenean eta gauzatzen dutenean, gaur gertatuko den bezala, pozteko gauza bat da, bereziki». «Horrek erakusten du aldatu egiten direnean erakundeetako ordezkariak gauzak beste modu batean egin daitezkeela. Oso egun polita da, hunkigarria. Egia bada oraindik alardearen auzian gauza guztiak ez direla konpondu, badaudela oraindik gauzak konpontzeko, gaur aurrerapauso oso handi bat eman da, lehenengo aldiz erakunde desberdinek eta, bereziki, Hondarribiko alkateak harrera egin diolako alardeari. Animatu nahi ditut gaurko harreran egon direnak hurrengo batean egoteko, eta horrela bat egiteko parlamentuan eta erakunde guztietan guztion artean koordinatzen ari garen irizpide eta arauak».
2023-9-9
https://www.berria.eus/albisteak/232565/lau-hamarkadatan-ehundutako-amarauna.htm
Kultura
Lau hamarkadatan ehundutako amarauna
Bizkaiko Bertsozale Elkarteak berrogei urte bete ditu aurten, eta gaur ospatuko dute urteurrena, Iurretan. Bertso eskoletan ditu erroak, eta bertsoa herrialde osora hedatzea izan du helburu hasieratik. Urteekin, bestelako jomuga batzuk ere bildu dituzte, hala nola emakumeen presentzia indartzea plazetan.
Lau hamarkadatan ehundutako amarauna. Bizkaiko Bertsozale Elkarteak berrogei urte bete ditu aurten, eta gaur ospatuko dute urteurrena, Iurretan. Bertso eskoletan ditu erroak, eta bertsoa herrialde osora hedatzea izan du helburu hasieratik. Urteekin, bestelako jomuga batzuk ere bildu dituzte, hala nola emakumeen presentzia indartzea plazetan.
Mugarri bat izan zen, baita bide orri bat ere. Xabier Amuriza bitan gailendu zen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian —1980an eta 1982an—, eta oinarri berri batzuk ekarri zituen diziplinara, Joserra Bilbao Santutxuko (Bilbo) bertso eskolako kidearen irudiko: bertsolaritza ikas zitekeen, eta ez zen nahitaez landa giroan edo lagun eta familia artean jaso beharreko zerbait; bertsotan euskara batuan egin zitekeen, nahiz eta, ohiz, bertsolariek beren euskalkietara jotzen zuten; taularatu zitezkeen hala gizonak nola emakumeak; eta hiritarren kontua ere bazen. Santutxuko bertso eskola sortu berria zuten orduko hartan, eta Amurizaren garaipena hauspoa izan zen haientzat, “asmoen gauzatze bat”, Bilbaok dioenez. Izan zen, orobat, Bizkaiko Bertsozale Elkartearen ernamuina: molde berriak akuilatuta, eskolak ugaritu egin ziren, eta batu 1983an, Bizkaiko Bertsolari Ikasleen Elkartean. Izenak izen, berrogei urte bete ditu aurten elkarteak; gaur ospatuko dute urteurrena, kantuan eta bertsolarien hainbat belaunaldi batuta, Iurretan. Aurreko urteetan, Jose Ramon Etxebarriaren zuzendaritzapean, gau eskoletan irakasleak zirenentzako klaseak jasotzen zituzten Bilbon, Euskaltzaindiako tituluak ateratzekoak, euskal literaturaren ingurukoak… Eta 1980an, bertsolaritza aztertzen hasi ziren. Berehala etorri zen Amurizaren txapela, eta adierazpenak. “Elkarrizketetan esaten zuen posible zela bertsolaritza eskoletan irakastea, eta berak bazituela ideia batzuk”, gogoratu du Bilbaok. Bertsolariaren hitzaldi eta ikastaroetatik edan zuten, eta Amurizak lan egin zuen bertso eskolak indartzen eta sustatzen. “Oso-oso eskuzabal portatu zen; lehen momentutik eman zizkigun berak gero argitaratuko zuen bertso hiztegiaren oinarri guztiak”. Urte horietan, bertso eskola andana bat sortu ziren: Durangon, Amurrion (Araba), Eibarren (Gipuzkoa)… Eta gehitu egin ziren egitekoak. “Bilbon beste lan batzuekin hasi ginen: adibidez, Bilboko jaietan egunero bertso saioak antolatzen hasi ginen; hau da, zortzi saioko ziklo bat”. Horretarako, legezko izaera behar zuten, pertsona juridiko bat sortu, hala nola kontratuak egiteko eta diru laguntzat hartzeko. Elkarte bat eratzea erabaki zuten. Ez zitzaien erraza izan, Bilbaoren arabera, Bizkaiko orduko gobernadore zibila zen Julian Sancristobalen “euskararen aurkako” jarrera tarteko. Elkartea gaztelaniazko izenarekin erregistratu behar izan zuten. Bederatzi lagunek sinatu zuten fundazio gutuna: Bilbaok berak, Jose Ramon Etxebarriak eta Koldo Tapiak, Santutxuko bertso eskolako kideek; Mungiako Karlos Ibarzabalek; Algortako Josune Iriondok, Iñigo Bilbaok eta Trino Azkoitiak; Durangoko Kristina Mardarasek; eta Eibarko (Gipuzkoa) Begoña Azpirik. Bilbao izan zen elkartearen aurreneko lehendakaria. Bertsolaritzaren hedapena Legeztatzeak bide eman zien talde gisa joateko baimenak eskatzera, finantzaketa lortzera… Eta antolaketa ere erraztu zien. “Ahalduntze inportantea izan zen”, Bilbaoren iritziz. “Mundu disperso bati nolabaiteko bizkarrezurra jartzea izan zen”. Hasierako urteetako jomuga, hain justu: bertsolariak batzea, sare bat taxutzea. “Bertsogintza apenas zegoen antolatuta”, oroitu du Joseba Etxebarria elkarteko kideak; sortu eta urte gutxira batu zen. “Komunikabideen aldetik, ez zegoen orain dagoen zabalkunderik; beraz, antolatzen ziren bertso saioak jaietan, ohiturazkoak, edo tabernekin lotuta egiten zirenak. Baina bertsolariek ez zuten elkartzeko ohiturarik; ez zegoen haien arteko loturarik”. Halaber, eskualdeak lotzeko premia ere antzeman zuten, gorabeheratsua baitzen egoera. Etxebarriak azaldu duenez, euskal hiztunak zeuden eskualdeetan, bazegoen bertsolaritza tradizioa, batik bat, barnealdean: Durango eta Gernika-Lumo inguruan, kasurako. Baina euskara urriagoa zen tokietan —besteak beste, Bilbon, Ezkerraldean, Karrantzan…—, txikia zen bertsogintzaren presentzia. Eremu erdaldunetara laster heldu zen bertsoa, ordea, eskualde denetan zer edo zer sortzen ahalegindu baitziren elkartekoak. Hala jaio zen ALBE Algortako Bertso Eskola, esaterako, Etxebarriak nabarmendu duenez. “Uribe Kostan ez zegoen bertsolaritza tradiziorik; bertsolari batzuk bazeuden, baina ez ziren ibiltzen plazarik plaza. Hala ere, ALBE indartsu sortu zen hasieratik”. Are gehiago hedatu zen sarea: 1985era arte, Euskaltzaindiak antolatu zuen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa, baina horri uko egin, eta bertsolarien esku utzi zuen; 1986ko bertsolariek antolatu zuten, eta, 1987an, Euskal Herriko Bertsolari Elkartea sortu zuten —1995ean hartu zuen egungo izena: Euskal Herriko Bertsozale Elkartea—; lurraldekako elkarteak antolatzen hasi ziren. “Lehenengo urteetan, Bizkaikoak Arabarekin hartu-eman handia zuen, elkarrekin antolatzen zuten txapelketa. Gero, Arabak elkartea sortu, eta bakoitza bere txapelketa antolatzen hasi zen”, esan du Etxebarriak. Indarra bildu zuten. “Hasieran, lokalik ere ez geneukan; Zornotzan biltzen ginen batzarrak-eta egiteko”. Eta, urteekin, beste xede batzuk pilatu zituzten. “Lanik handiena ekarri diguna zera da: umeak zelan erakarri bertsogintzara. Orduko irudia zen bertsoa zaharren kontu bat zela. Baina umeak bertsozaletzeko premia ikusten genuen, bertsolaritzaren etorkizuna bermatu gura bazen”. Hezkuntza arautuan sartu zen bertsolaritza, 1985etik aurrera: ikastoletan, hasieran; eta gainerako ikastetxeetan, hurrena. “Bide horretan, bertsolariak sortu dira, baina baita bertsozaleak ere, eta horiek ere beharrezkoak dira”. Plazarako jauzia Hamarkadak igarota, hasierako ildoak sendotu dira, eta ugaritu jomugak. Etxebarriaren hitzetan, gaur egun eskualde guztietan daude bertso eskolak, eta hauspo handia du ikastetxeetan egiten den lanak. Elkarteko egungo lehendakari Belate Olabarria ere “pozik” dago emaitzekin: “Uste dut etorkizuna badagoela”. Lana ez da bukatu, ordea. Hezkuntza arautua amaitutakoan bertsotan jarrai dezatela ere bada garrantzitsua; buruhaustea da oraindik, eta aurrera begirako lana. “Ikastetxetik bertso eskolarako saltoa ziurtatu behar dugu”, dio Olabarriak. “Klase orduetan egiten dute, baina, bat-bateko taldeetara joan behar dutenean (ikas orduetatik kanpo), batzuek utzi egiten dute bertsolaritza mundua [Hezkuntza arautuaren eta bertso eskolen arteko zubiak dira bat-bateko taldeak]. Bertso eskolak indartu nahi ditugu”. Emakumeak ere aitatu ditu Olabarriak; orain dela zortzi-hamar urte batu zen elkartera, 2017tik da hura presidente, eta hori izan da azken urteetako ildoetako bat: andreak plazetara bultzatzea. Kasu horretan ere, jauzia da kontua, ez kopurua. “Ikusten genuen ikastetxeetan maila ona erakusten dutela, bat-bateko taldeetan ere neskak badaudela, baina atzerantz egiten dutela bertso saioetara eta txapelketetara joaterako orduan”. 15-16 urterekin egiten dute topo koskarekin. “Ordura arte, ez dute inolako problemarik izaten”. Bertso eskoletako gazteei laguntza eman diete saioak eta bestelako ekintzak antolatzeko, hala nola Plazara proiektuaren bidez. “Jende aurrean kantatzeko beste aukera bat zuten. Apurka-apurka, ikusi dugu gero eta neska gehiagok ematen dutela izena txapelketetan; hori izaten da erakusleiho nagusia, eta bertigo handien eman dezakeena”.
2023-9-9
https://www.berria.eus/albisteak/232567/garnatxaren-aldeko-hautua.htm
Ekonomia
Garnatxaren aldeko hautua
Mahatsa biltzen ari dira Nafarroan, joan den abuztuaren erditik. Inoiz baino lehen hasi da aurtengo kanpaina, beroaren eta lehortearen eraginez.
Garnatxaren aldeko hautua. Mahatsa biltzen ari dira Nafarroan, joan den abuztuaren erditik. Inoiz baino lehen hasi da aurtengo kanpaina, beroaren eta lehortearen eraginez.
Ardoaren arrastoa nabarmena da Erriberrin. Zortzi upategi daude herrian, eta han dute egoitza, gainera, Nafarroa sor-markak eta Evenak, Nafarroako Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuko Mahastizaintza eta Enologia Zerbitzuak. Lan handiko asteak dira oraingoak Erriberrin eta Nafarroa sor-markaren barruko gainerako herrietan, abuztuaren erditik abian baita mahats biltzea. Inoiz baino lehen hasi dute aurtengo kanpaina. Unsi upategiko kideak atzo hasi ziren haien uzta biltzen. Upategia Erriberrin dute, baina mahastiak, San Martin Unxen. “Mahasti batzuk gureak dira, eta herriko hamaika nekazari txikiren mahatsa erosten dugu, gainera. Garnatxa bertzerik ez dugu; barietate hori hautatu dugu, herrialdeko barietate tradizional bat delako eta ederki egokitzen delako”, azaldu du Javier Mendez Unsiko kideak (Iruñea, 1998). Herrialdean 9.800 hektarea mahasti daude Nafarroa sor-markaren barruan —zortzi herri baino ez daude Errioxa sor-markaren barruan—. Abuztuaren erdian hasitako mahats biltzeak bi hilabete inguru iraunen du. Ez dute batera egiten toki guztietan, eskualdearen arabera, eguraldiaren eta lur motaren ondorioz, lehenago edo geroago heltzen baita mahatsa. Behe Erriberan hasi zuten mahatsa biltzeko aurtengo kanpaina, joan den abuztuaren erdian. Apirileko beroak eta azken urteotako lehorteak eragin dute inoiz baino lehenago hastea. Halere, Evenako adituen ustez, fruituaren egoera “hagitz ona” da, eta uste dute 66 milioi kilo mahats inguru jasoko dituztela. Evenak nabarmendu du iaz baino %10 gehiago jasotzea espero dutela, hain zuzen ere. Unsi, 2014. urtetik lanean 2014. urtean hasi zuen Unsik bere bidea. “Upategi gazte bat gara, eta gutxi ekoizten dugu, baina asmo handiak ditugu”, erran du Javier Mendezek. Izan ere, ardoa egiteaz gain, mahastizaintza eta turismoa uztartu dituzte, eta urte osoan egiten dituzte herritarrak hartzeko bisitak. Nekazari txikiekin duten elkarlanari esker, gainera, “herritarrak eskualdera lotu” nahi dituzte, herriak jendez gabetzeari aurre egiteko asmoz. “Gure esku dagoena egin nahi dugu” Iaz Nafarroa erdialdea kiskali zuten suteek Unsi upategiko mahastiak ere jo zituzten. Unsiko kideek tristuraz oroitu dituzte iazko ekainean gertatutakoak. Haien mahasti batzuk erre ziren, baina bertze batzuek San Martin Unxeko sutea itzaltzen lagundu zuten: “Hagitz garbiak zeuden, eta sua ailegatu zenean, itzali egin zen”, kontatu du Mendezek. San Martin Unxekoa du familia osoa, eta Iruñean jaio arren, Mendezek ere “harreman estua” du herri horrekin. Mingarriak dira iazko sutearen oroitzapenak, baina nabarmendu du berdea nagusitzen ari dela, berriz ere, errautsez betetako paisaiaren erdian, eta txalotu ditu herritarren ahaleginak “aurrera segitzeko”. Irailaren 16an San Martin Unxen antolatu duten Unx jaialdia aipatu du. Ardoa eta musika uztartuz, herriak ez husteko besta bat eginen dute. “Erriberriren eta San Martin Unxen gisako herriotan garatu da Nafarroan dugun ardoaren kultura”, azpimarratu du Mendezek. San Martin Unxeko zenbait upategitan egin du lan, Unsikoan hasi baino lehen, eta giro horretan ikasi ditu ardoaren ingurukoak. “San Martin Unxen laurehun biztanle daude, eta bost upategi”, nabarmendu du Unsiko kideak. Herri horretan ez, baina, oro har, “ardoaren kultura galtzen” ari ote den beldur da Mendez. Herrien hustea jo du egoera horren eragile, hain zuzen. Zuriak, beltzak eta gozoa Datuen arabera, ardoaren kontsumoak behera egin du. Errealitate horri, “kalitatearen bidez” egin nahi dio aurre Unsi upategiak. Ardo zuriak eta beltzak egiten dituzte, bai eta ardo gozo bat ere, denak garnatxarekin. “Garnatxa hemengo barietate bat da, eta guk gurea nabarmendu nahi dugu. Uste dugu Nafarroako ardoak bereizteko modu bat izan daitekeela”, azaldu du Javier Mendezek. Unsik San Martin Unxen dituen mahasti guztiak daude lehorreko sailetan. “Nafarroako ubidetik gora daude denak; zenbait, zazpiehun metrora”. Garnatxak “ardo fresko eta azidotasun handikoak” ematen dizkio Unsiri. Mahatsa jaso bezain laster, upategira eramaten dute, Erriberrira. Han, upategiko deposituetan jasotzen dute, lehendabizi. “Mahats zuria zanpatu egiten dugu deposituetan sartu baino lehen. Mahats beltzari, berriz, txortena kentzen diogu andeletan sartu aurretik”. Deposituetatik upeletara pasatzen dute ardoa. Upeletan sei hilabete inguru pasatzen du ardo beltzak, botiletan sartu baino lehen; zuriak, berriz, bost hilabete inguru. Botiletan, baina, denbora gehiago ematen du ardoak, salgai jarri aurretik. “Ardo beltzak hiru urte inguru ematen du botiletan; zuriak, berriz, bat edo bi. Helburua da kartetan sartzeko ardoak egitea” Ardo gozoa egiteko, berriz, mahatsa denbora gehiago uzten dute mahastian. “Kontua da mahatsak azukre eta alkohol gehiago hartzea”, azaldu du Mendezek. Garnatxaren aldeko hautua egin du Unsik; aurtengo uzta biltzeko garaia dute oraingoa.
2023-9-8
https://www.berria.eus/albisteak/232568/gure-ardo-gorriak-baino-gehiago-gara.htm
«Gure ardo gorriak baino gehiago gara»
«Gure ardo gorriak baino gehiago gara».
Zerura begira eman ditu David Palacios Nafarroa sor-markako lehendakariak egun anitz (Erriberri, 1978), herrialdean mahatsa biltzen hasi zirenetik. Abuztuaren erdian ekin zioten bi hilabete inguru iraunen duen lanari. 9.800 hektarea inguru daude Nafarroa sor-markaren barruan. Orain arte jasotakoaren kalitatea nabarmendu du Palaciosek. Inoiz baino lehen hasi zarete mahatsa biltzen. Iazkoa izan zen ordura arteko mahats biltze goiztiarrena eta aurten berriz ere ondu dugu marka. Iaz baino lauzpabost egun lehenago hasi gara biltzen. Zer eragin du horrek? Azken urteotan, muturreko egoerak izan ditugu. 2018an, hain zuzen, hagitz berandu hasi ginen mahatsa biltzen; aurten, berriz, inoiz baino lehen. Egia da klima aldaketa ari dela muturreko egoerak nabarmentzen, eta, batez ere, ekarri du tenperaturak gora egitea. Hori kezkatzekoa da, baina, zorionez, Nafarroa sor-marka penintsulako iparraldean egoteak aukera ematen digu klima aldaketaren ondorioei bertze toki batzuetan baino hobe aurre egiteko. Lehorteak nola eragin dizue? Hiru urte daramatzagu lehorteari aurre egiten. Orain [larunbatean] euria ari du Nafarroan, baina azken urtean lehorteak markatu du gure sektorea. Lehortearen ondorioz hasi gara, neurri batean, mahatsa lehenago biltzen. Lehorreko zenbait sailetan, gainera, lehorteak produkzioari ere eragin dio. Sektorearen profesionalizazioari esker, halere, sail anitz ditugu ureztapen lokalizatuarekin, eta, horri esker, aurre egin ahal izan diogu lehorteari. Asteburuko euriak nola eragin dizue? Mahatsa biltzeko garaian ohikoa da euria egitea. Inportanteena da kazkabarra ez botatzea. Gehiegi ez bada, euriak aukera ematen dio mahatsari erabat heltzeko. Zer-nolako mahatsa biltzen ari zarete? Orain arte jasotako mahatsa hagitz ona da. Batez ere, zuria. Ekoizpena iazkoa baino handiagoa izanen dela garbi dugu, iazkoa ezohikoa izan baitzen. Iaz, garnatxa kenduta, gainerako barietateek emaitza hagitz txarrak izan zituzten. Zenbat litro ardo lortzea espero duzue? 40 milioi litro inguru ari gara ekoizten. %35 inguru, Espainiatik at saltzen dugu. Non, zehazki? Alemanian, Suitzan, Ingalaterran, AEBetan, Kanadan, eta Asiako hainbat herritan. Zer eskaintzen dute Nafarroako ardoek? Nafarroan ardo gorria da gure ikur. Ardo gorriaz gain, baina, badugu bertzerik. Ospe handiko gure ardo gorrientzat erabiltzen dugun garnatxak ardo beltz hagitz onak ematen ditu, adibidez. Zeintzuk dira sektorearen indarguneak eta ahulguneak? Indargune nagusia gure ardoak dira. Askotarikoak dira. Gure ahulgunea da, hain zuzen, hori erakustea, ditugun gainerako ardoak zabaltzea. Nafarroan gure ardo gorriak baino gehiago gara. Bertze ardo horiek saltzea da zuen erronka? Ohiturak aldatzen ari dira: ardo gutxiago edaten da, baina edaten dena ardo ona izaten da. Gure erronka da, beraz, ardo hagitz onak ekoiztea. Bertzalde, klima aldaketari egin behar diogu aurre; horretarako, barietate zaharren alde egin nahi dugu, horiek hobeki egokitzen direlako; garnatxa eta graciano, bertzeak bertze.
2023-9-10
https://www.berria.eus/albisteak/232569/gure-lanaren-parte-da-zientzia-kultura-dela-aldarrikatzea.htm
Bizigiro
«Gure lanaren parte da zientzia kultura dela aldarrikatzea»
Batean eta bestean, lan ordainduan edo borondatezko lanetan, eguna okupatua izaten du, gehienean, Manex Urruzolak. Elhuyar, irakaskuntza, Tolofolk, Galtzaundi... Tolosarrak ez dio aldaparik aurkitzen egunerokoari.
«Gure lanaren parte da zientzia kultura dela aldarrikatzea». Batean eta bestean, lan ordainduan edo borondatezko lanetan, eguna okupatua izaten du, gehienean, Manex Urruzolak. Elhuyar, irakaskuntza, Tolofolk, Galtzaundi... Tolosarrak ez dio aldaparik aurkitzen egunerokoari.
Ingeniaritza ikasketak egin zituen Manex Urruzola Arratek (Tolosa, 1981); unibertsitatean irakasle lanetan ari da, eta Elhuyarreko komunikazio zerbitzuen koordinatzailea da gaur egun. Maiatzetik, Galtzaundi euskara taldeko lehendakaria ere bada. Aisialdiaren parte bat, berriz, Tolosako Tolofolk jaialdia antolatzen pasatzen du. Handitan zer izan nahi zenuela esaten zenuen umetan? Umea nintzenean argi nuen astronauta izan nahi nuela, baina, handitu ahala, ez neukan oso argi; zalantzaz bete nintzen. Ingeniaritza aukeratu nuen, zientziako ikasketen barruan jakintza arlo asko bateratzen dituelako eta oso aplikatua delako. Zientziak beti erakarri izan zaitu? Bai, eta baita letren arloak ere. Zientziaren eta letren artean aukeratu behar hori beti iruditu izan zait xelebre samarra. Kultura bat da, eta zientziak eta letrak barne hartu beharko lituzke. Elhuyarren gure lanaren parte da zientzia kultura dela aldarrikatzea. Ikasketak amaitu berritan egin zenuen lan mundurako saltoa? Berehala hasi nintzen unibertsitatean irakasle, ordezkapen bat egiten. Pare bat urte egin nituen baita ere energia berriztagarrien multinazional batean, proiektuen kudeatzaile gisa. Horren ondoren etorri zen Elhuyarren aukera. Elhuyarrek iragarki bat atera zuen, irakaskuntzan eta enpresa munduan aritutako pertsona bat behar zutela adieraziz, eta horra aurkeztu nintzen. Hartu egin ninduten. Ia hamazazpi urte pasatu dira ordutik. Zein da zure egitekoa Elhuyarren? Gauza asko egitea tokatu izan zait orain artean. Oso erakunde dinamikoa da Elhuyar, eta betidanik elkarlanean aritzera ohituta dago. Azken hamar urte pasatxoan, adibidez, komunikazio zerbitzuetako koordinatzaile lanetan ari naiz. Euskal Herriko bertako eta Europako ikerketa proiektuen zabalkundea egiten dugu gure lan unitatean, hizkuntza eta kanal guztietan. Hara eta hona ibiltzeko aukera ematen dizu horrek? Bai, asko bidaiatzen dut. Irailean, Poloniara joango gara, Krakoviara; urrian, berriz ere, Poloniara joango gara, baina beste proiektu batekin, Breslaviara; azaroan, Alemaniara, Munsterrera; eta urtarrilean, Ugandara. Beste herrialdeetara bidaiatzeak hizkuntzak menderatzea ere eskatuko du, ezta? Oso aberasgarria da hori. Egunero euskaraz eta ingelesez egiten dut lan. Elhuyarren egoitzan bertan euskaraz aritzen naiz; Europako proiektuetan, lanaldiaren erdia izan daitekeenean, guztia ingelesez egiten dut, eta, noizean behin, Euskal Herriko ikerketa zentroen komunikazioa egiten dugunez, gehienetan euskaraz aritzen bagara ere, gaztelaniaz egitea ere tokatzen zaigu. Zer-nolako erakundea da Elhuyar? Oraintxe bertan, ehun pertsonako lantaldea gara, bost unitatetan banatuta. Zientziaren dibulgazioa egiten dugu: Teknopolis telebista saioa, Elhuyar aldizkaria, irratiko programak, gazteentzako dibulgazio proiektuak… Adimen artifizialaren unitatea ere badaukagu hizkuntzan; azken urteetan sekulako txanpa hartu duen eremua da hori, eta euskarari ingurumen digitalean zerbitzua ematen dioten punta-puntako proiektuak lantzen ditugu hor. Hizkuntza teknologia unitatea da bestea; agian, jende askorentzat, Elhuyar hiztegiak bakarrik dira, nahiz eta hiztegiak baino askoz gehiago izan. Baina hiztegiak ere badira, eta bestelako hizkuntza teknologien garapena ere lantzen dugu. Laugarren unitatea aholkularitzarena da, euskara eta berdintasun planak lantzeko, enpresa eta erakundeetan. Eta, azkenik, nire esparrua dago: komunikazio zerbitzuena. Adar asko ditu, beraz. Ikasteko ere leku aproposa da? Niretzat zuri-beltzeko lan mundutik koloretako lan mundura pasatzearen parekoa izan zen multinazional eta industria mundu hutsetik Elhuyarrera etortzea, eta ez naiz inoiz damutu. Ibilbide horretan hainbat eta hainbat sari ere jaso dituzue… Zorionez, sari mordo bat lortu ditugu, bai. Elhuyarren egoitza nagusiaren sarreran bitrina bat daukagu, jasotako sariak bertan erakusteko, eta aspaldi geratu zitzaigun txiki. Sariak jaso ditugu egiten dugun zientzia dibulgazioarengatik, aldizkariarengatik, irrati saioengatik, eta Teknopolis saioak berak ere sari asko jaso ditu. Elhuyarrek 50. urteurrena bete zuen duela gutxi, eta, egia esan, testuinguru horretan, pribilegio bat izan zen Elhuyarren parte eta koordinazio guneko kide izatea. Erakunde asko gogoratu ziren gurekin, eta sari asko jasotzea egokitu zitzaigun. Aitortza hori ere lanaren parte izango da… Oso gustura egiten da lan hori. Bestela ere gustura egiten dut egiten dudana; lanaren parterik arinena da sariena. Elhuyarreko lana irakaskuntzarekin ere uztartzen duzu zuk. Euskal Herriko Unibertsitatearen Donostiako Ingeniaritza fakultatean aritzen naiz eskolak ematen. 2. mailako ikasleekin aritzen naiz, ingeniaritza euskaraz ikastea erabaki dutenekin. Talde bat izaten dut, irailetik ekainera bitartean. Oso gustura egiten dut lan hori ere; esker oneko lana da, eta klaseetan oso ondo pasatzen dut. Pribilegioa da niri betidanik gustatu izan zaidan hori 20 urterekin euskaraz ikastea erabaki dutenei irakastea. Ingeniaritza ikasi, multinazional batean aritu, unibertsitateko irakasle izan, Elhuyarren lan egin… Gustuko lekuan ez da aldaparik izaten. Dena gustura egiten denean, hala gertatzen da. Elhuyarren zientziaren zabalkundea egiten dugu eta unibertsitatean ere halaxe egiten dut. Beste lengoaia batean, publiko desberdinarentzat eta kanal desberdinetan, baina oinarrian antza izan dezakete bi arloek. Egiten dudana egiten dudala, ondo pasatzen saiatzen naiz beti, nor bere burua serioegi ez hartzen eta umorerik ez galtzen. Sagardoa bidegile dokumentala ere egin zenuen 2015ean. Nolako esperientzia izan zen? Elhuyar oso erakunde dinamikoa da, eta, inguruko aldagaien arabera, proiektu ezberdinetan sartu izan gara. Garai hartan, Teknopolis-eko lantaldeko kide batzuek bazuten telebistako programatik dokumentalen mundura salto bat emateko asmoa, eta ekoizle exekutibo figuran sartu nintzen sagardoaren inguruko dokumentalean. Ekoizleak lortu, baliabideak jarri eta dokumentala aurrera eramateko bestelako lan batzuk hartu nituen neure gain. Oso prozesu interesgarria izan zen; batez ere, dokumentala Donostiako Zinemaldian estreinatzea lortu genuelako. Donostiako Sagardo Egunean omenaldia ere egin zioten dokumentalari. Aisialdian, herriari eskaintzen diozu zure denboraren zati bat bat, Tolosan egiten duten Tolofolk jaialdiko antolatzaileetako bat ere bazarelako. Duela lau urte sortu genuen Tolofolk. Lau lagun elkartu ginen, eta ideia zoro bat genuen buruan; udalari proposatu eta ostikoka bota ez gintuztenez, laugarren jaialdia prestatzen ari gara dagoeneko. Herriari eskaintzen diogun jaialdi bat da eta guztiz modu boluntarioan egiten dugu. Lau lagunak oso-oso desberdinak gara geure artean, baina oso ondo konpontzen gara; hori da gakoa. Nolako jaialdia da Tolofolk? Arlo ezberdinak lantzen saiatzen gara. Kanpoko talde on bat ekartzen saiatzen gara jaialdiko egun batean, baina etxekoak ere zaintzen ditugu beti. Kataluniar batzuek esan ziguten oso jaialdi eklektikoa antolatzen genuela, eta, egia esan, ez daukagu bestelako loturarik, ez daukagu morrontzarik. Ondo pasatzeko eta herriari eskaintzeko egiten dugu guk Tolofolk, eta ondo pasatzen ez dugun egunean antolatzeari utziko diogu. Orain gutxi, Tolosaldeko Galtzaundi euskara taldeko lehendakari izendatu zaituzte. Lau urtez Kike Amonarriz izan da lehendakaria, eta hura etorri zitzaidan proposamenarekin. Zaila da Amonarrizi ezetz esatea, eta are zailagoa bera ordezka daitekeela sinistea. Trantsizioa oso interesgarria eta atsegina izaten ari da. Kasu horretan, zein da zure egitekoa? Eskualdeko euskaltzaleen elkargunea da Galtzaundi, Tolosaldean euskara normalizatzea helburu duena. Proiektu erabat kolektiboa da, eta osagai ezin hobeak ditu bere jarduera arrakasta osoz aurrera eramateko, lehendakaria halamoduzkoa izanda ere. Bostehun bazkide ditu, eta beste hainbeste lortzeko anbizioa daukagu. Momentuan, bost pertsona ditu liberatuak, lantalde motibatu eta eraginkorra osatuz. Zuzendaritza konprometitua eta boluntario talde eraginkorra du. Bostehun bazkide horien ordezkari izatea da lehendakariaren figura. Saltsa askotan parte hartzen duen horietakoa zara, ezta? Ez da aktiboki bilatu dudan zerbait; hala gertatu da, eta gustura nago. Galtzaundiko lehendakaritza eskaintzera etorri zitzaizkidanean esan nien denbora libre gutxi nuela, eta erantzun zidaten jende okupatua nahiago zutela postu horretarako. Ezetz esateko aitzakia hori ere baliorik gabe geratu zitzaidan.
2023-9-8
https://www.berria.eus/albisteak/232570/eskola-garraio-enpresei-espedientea-ireki-die-lehiaren-euskal-agintaritzak.htm
Gizartea
Eskola garraio enpresei espedientea ireki die Lehiaren Euskal Agintaritzak
Jaurlaritzaren lizitazioetara ez aurkezteko elkarrekin ados jarri ziren susmoa du agintaritzak. Jaurlaritzak diru laguntzak emango dizkie eskola garraiorik gabe geratu diren familiei.
Eskola garraio enpresei espedientea ireki die Lehiaren Euskal Agintaritzak. Jaurlaritzaren lizitazioetara ez aurkezteko elkarrekin ados jarri ziren susmoa du agintaritzak. Jaurlaritzak diru laguntzak emango dizkie eskola garraiorik gabe geratu diren familiei.
Eskola garraioen gatazka zeresana ematen ari da ikasturte hasiera honetan. Lehiaren Euskal Agintaritzak espedientea ireki die zenbait garraio enpresari, ustez Jaurlaritzaren lizitazioetara ez aurkezteko elkarrekin ados jarri zirelako. Susmopean daude Arabako 25 enpresa, Bizkaiko 45 eta Gipuzkoako sei. Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak ere hitz egin du gaiaren inguruan. Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan esan du «susmoa» dutela garraio enpresa batzuk elkarrekin ados jarri direla Eusko Jaurlaritzari baldintza ekonomiko jakin batzuk eskatzeko eta etekin gehiago lortzeko. «Delitu zantzu» horiek frogatzeko, «dokumentazioa» badutela ere gehitu du sailburuak, baina gaur-gaurkoz ikasturte hasiera «lehenetsi» nahi dutela. Behin hori igarota, «bigarren urratsa» dokumentazioa fiskaltzari igortzea izango dela jakinarazi du. Bitartean, ikasturtea hasi da eta Arabako zein Bizkaiko ikasle asko garraio zerbitzurik gabe daude. Garraio enpresek iragarri dute egoerak bere horretan jarraituko duela Eusko Jaurlaritzak ordaintzen dien prezioa igotzen ez duen bitartean. Aste hasieran, Hezkuntza Sailak agindu bat argitaratu zuen enpresak ibilbide denak egitera behartzeko. Enpresek, ordea, helegitea jarri eta kautela neurriak hartzeko eskatuz, uko egin diete zenbait ibilbide betetzeari. Jaurlaritzak, atzo, kautela neurriak atzera bota izanagatik ere, enpresek gaur iragarri dute zerbitzurik ez dutela eskainiko oraindik ere. Diru laguntzak , kaltetuei Ikasturteko lehen egunean, Araban eta Bizkaian, 7.400 ikasle inguru garraio zerbitzurik gabe geratu zirela adierazi du Bildarratzek. Gainera iragarri du familia kaltetuei diru laguntzak emango dizkietela. Datorren astean argitaratuko dute familia kaltetuek konpentsazio ekonomiko bat jaso ahal izateko agindua. Laguntza horien helburua da garraio zerbitzua ez edukitzeak eragindako gastuak estali ahal izatea. Sailburuak zehaztu du eskola garraioen auziak sare publikoan garraiatuak izaten diren ikasleen «erdiei» eragin diela gutxi gorabehera. Zerbitzurik gabe geratu ziren Arabako ikasleen «erdiak baino gehiago», eta Bizkaiko ikasleen «%10 baino zertxobait gutxiago». Gipuzkoan, bestalde, «ez zen arazorik egon». Hezkuntza legea, legealdi honetan Hezkuntza legeari dagokionez, Bildarratzek «zalantzarik gabe» baieztatu du legealdi honetan onartuko dutela: «Oso garbi daukagu, hitzartuta daukagu». Legea, urriaren 2ra arte, zuzenketak aurkezteko epean dagoela azaldu du eta, bitartean, «lanean jarraitzen» dutela. Gogorarazi du hasierako akordioa lau indar politikok sinatu zutela, baina Elkarrekin Podemos-IU «segituan erori» zela. Egun, EAJ, PSE-EE eta EH Bildu «lan sakon bat» egiten ari direla uste du, eta baikor agertu da: «Nik egiten dudan irakurketa da denek dutela aurrera ateratzeko borondatea».
2023-9-10
https://www.berria.eus/albisteak/232571/lagunarteko-bertso-txapelketa.htm
Kultura
Lagunarteko bertso txapelketa
Duela bi urte bezala, taldekako Xilaba berriz eginen dute aurten. Irailaren 22an hasiko da, Ozazen, eta Aiherran bururatuko, azaroaren 18an. Hiru multzotan banatu dituzte bederatzi bertsolari taldeak. Multzokako ligaxka batekin hasiko dira. Talde bakoitza saio antolatzaile ere izanen da.
Lagunarteko bertso txapelketa. Duela bi urte bezala, taldekako Xilaba berriz eginen dute aurten. Irailaren 22an hasiko da, Ozazen, eta Aiherran bururatuko, azaroaren 18an. Hiru multzotan banatu dituzte bederatzi bertsolari taldeak. Multzokako ligaxka batekin hasiko dira. Talde bakoitza saio antolatzaile ere izanen da.
Bederatzi talde eta 38 parte hartzailerekin, taldekako Xilaba bi asteren buruan abiatuko dute Ozazetik, irailaren 22an, eta Aiherran bururatu, azaroaren 18ko finalarekin. Bertsularien Lagunak elkarte antolatzaileak Ipar Euskal Herriko banakako bertsolari txapelketarekin bi urtetarik aldizkatzeko usaia hartu nahi du taldekakoarekin. Banakakoak duen “seriotasunaren” aldean lagunarteko girokoa izatea nahi du. Ortzi Idoate elkarteko sustapen taldeko langileak dioenez, taldekakoa “beste manera” batez erabiltzen dute: “Txapelketa parte hartzaileagoa da, herrikoiagoa” taldeka egiten dena. Maindi Murua sustapen taldekoak ber ildotik segitu du: “Lasaitasunari eta giroari leku handiagoa ematen dio, bertsoaren epaiketa teknikotik haratago beste freskotasun bat ekartzeko txapelketari”. Antolatzaileen arabera, nahasketa handiagoa ekarri du taldekakoak bertsolarien aldetik. Banakakora aspaldian gehiago agertzen ez direnak hurbiltzen dira, eta belaunaldi desberdinetako bertsolariak elkartzen dituela diote; eskolarteko bertsolari txapelketan ibilitako lizeotar jalgi berriak, helduen bertso eskoletako adin handiagoko batzuekin batean. Bertsolariek egin behar dituzten ariketetan ere taldekako Xilabak berezitasunak badituela adierazi du Muruak: “Badira txapelketetan ikusten ditugun usaiako ariketa klasikoak, eta, bestalde, badira informalagoak: atea irekitzen diotenak musikari, antzerkiari…”. Taldeak antolatzaile Aitzineko taldekako Xilaban bezala, taldeko partaide guziek ez dute baitezpada kantatuko saioetan, talde bakoitza saioen antolatzaile ere bai baita lehen fasean. “Taldekideak gai emaile izan daitezke beste taldeen saioetan, eta epaile ere bai”, erran du Muruak. Horri esker herri eta saio leku gehiagotara heltzen direla dio. Bizkitartean, multzoka egin ligaxka bururatu eta finalerdiak jinen direlarik, beste gisako antolakuntza izanen dela zehaztu du Idoatek: “Lehia bat ere badenez, finalerdietara iristen garelarik gauza seriosagoak dira, eta elkarteko gai emaile eta epaile taldekoek parte hartuko dute”. Horiek horrela, taldekakoak duen berezitasun batekin jarraituko dute: publikoko epailea atxikiko dute. “Saioa antolatzen duen taldeak badu publikotik epaile bat xerkatzeko ardura”. Ligaxka lehenik Hiru multzotan —A, B eta C— banatu dituzte bederatzi bertsolari taldeak lehen faseko kanporaketak edo ligaxka egiteko. Bederatzi saio izanen dira denetarat kanporaketa horretan, irailaren 22tik urriaren 20ra. Finalerdiak egun hauetan eginen dituzte sailkatuko diren taldeek: urriaren 28an, Muskildin, eta azaroaren 4an, Azkainen. “Bi finalerdi horiek eginen dira taloen laguntzaz, Xiberoko ikastolek eta Azkaineko ikastolak segurtaturik”, Muruak zehaztu duenez. Finala Aiherran jokatuko da, azaroaren 18an. Eguerditan, bazkaria, eta finaleko saioa bera, 17:00etan. Taldekako Xilabarako irudi bat ere eginarazi du Bertsularien Lagunak elkarteak, geroan ere erabiliko duena. Amaia Karrere ilustratzaileak ondu du.
2023-9-8
https://www.berria.eus/albisteak/232572/hayao-miyazakik-jasoko-du-hirugarren-donostia-saria.htm
Kultura
Hayao Miyazakik jasoko du hirugarren Donostia saria
Garaikurra Tokion emanen diote zuzendari japoniarrari. Hollywoodeko aktoreen greba dela eta, Javier Bardemek ez du Donostia saria aurten jasoko.
Hayao Miyazakik jasoko du hirugarren Donostia saria. Garaikurra Tokion emanen diote zuzendari japoniarrari. Hollywoodeko aktoreen greba dela eta, Javier Bardemek ez du Donostia saria aurten jasoko.
Egun gutxi falta dira Donostiako Zinemaldia hasteko, eta azken printzen berri ematen ari da jaialdia. Aurtengo aldiak bereziki egingo du azpimarra animazioan, eta horren erakusle da Donostia sariaren hirugarren jabea: Hayao Miyazaki zinemagile japoniarra (Tokio, 1941). Animazioan maisua da Miyazaki, eta haren lana omendu nahi dute Zinemaldian. Hain zuzen, bere azken filmak zabalduko du aurtengo edizioa, Kimitachi wa do ikiruka / The Boy and the Heron lanak. Inaugurazio galan jasoko du garaikurra, era birtualean —Tokion egongo baita, eta ez Donostian—. Pozik agertu da Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinos: «Hamabi urte daramatzat jaialdiko zuzendari lanetan, eta uste dut gehien asebetetzen nauen saria dela. Miyazaki animazioaren historian izandako pertsonarik inportanteena da». Carl Theodor Dreyer bezalako zuzendarien pare jarri du japoniarra. Aldez aurretik, Zinemaldiak hiru aldiz eman du zuzendari horren filmen bat zikloan: 2002an, Sen to Chihiro no kamikakushi (Chihiroren bidaia) eman zuten; 2009an, Gake no ue no Ponyo (Ponyo itsaslabarrean), eta 2013an, Kaze Tachinu / The Wind Rises. Ordea, Miyazaki aurten izango da lehendabizikoz Sail Ofizialean; filma lehiaketatik kanpo emango dute, irailaren 22an. Eskarmentu handiko zinemagilea da Miyazaki. 1963an Zientzia Politikoetan eta Ekonomian graduatu ondoren, animazio mundura gerturatu zen, Toei animazio konpainian lan egiten hasita. Hainbat estudiotan aritu zen plangintzan, diseinuan eta eszenan lanean, eta 1979an egin zuen bere lehen film luzea: Rupan sansei: Kariosutoro no shiro / The Castle of Cagliostro. 1985ean, Isao Takahatarekin batera, Studio Ghibli sortu zuen, eta hamar film luze zuzendu ditu harrezkero; besteak beste, Tenku no shiro Rapyuta / Laputa: Castle in the Sky (1986), Tonari no Totoro / My Neighbor Totoro (1988), Kurenai no buta / Porco Rosso (1992) eta Mononoke hime / Princess Mononoke (1997). Ibilbidean aurrera egin ahala, ospea irabazi eta lorpenak erdiesten joan da. Kasurako, Japoniako zinema aretoetako salmentak hautsi zituen Chihiroren bidaia (2001) filmarekin, eta hainbat sari jaso ere bai: tartean, Urrezko Hartza eta animaziozko film onenaren Oscar saria. Hauru no ugoku shiro / Howl's Moving Castle (2004) pelikula ere izendatu zuten Oscarretarako, eta Urrezko Osella saria jaso zuen Veneziako jaialdian. 2009an, Ponyo itsaslabarrean idatzi eta zuzendu zuen, eta, ondoren, gidoiak idazteaz gain, film hauen plangintzan lagundu zuen: Hiromasa Yonebayashiren Kari-Gurashi no Arrietty / The Secret World of Arrietty (2010) eta Goro Miyazakiren Kokuriko-zaka kara / From Up on Poppy Hill (2011). 2013an, berriz, Kaze tachinu / The Wind Rises zuzendu zuen, animaziozko film onenaren Oscar sarirako izendatua izan zen pelikula. Miyazakik saiakera, marrazki eta poema liburuak ere argitaratu ditu, besteak beste, Shuppatsuten 1979-1996. Haren ibilbide oparoak bestelako hainbat sari ere ekarri dizkio: 2012an, Kultura Merezimenduko Pertsona izendatu zuen Japoniako Gobernuak; 2014an, ohorezko Oscar saria jaso zuen, eta Komikiaren Will Eisner Sarien Ospearen Aretoan ere sartu zuten. Saria aurten, garaikurra ez Javier Bardementzat zen aurtengo beste Donostia sarietako bat, baina Zinemaldiak iragarri du ez duela aurten jasoko garaikurra. Rebordinosek jakinarazi du Bardem ez dela jaialdira bertaratuko. Hollywoodeko aktoreen grebagatik, ezin du halako agerraldirik egin, eta, beraz, ez du garaikurra aurten hartuko. Zuzendariak argitu duenez, 2024ko aldian jasoko du saria. «Atzo erabaki genuen, elkarrekin, aurten ez duela garaikurra jasoko. 2023ko saria du, baina datorren urteko inaugurazioan jasoko du». Victor Erizeri emango diote beste Donostia sarietako bat, eta, jakinarazi dutenez, ez da laugarrenik egongo. Epaimahaiaren berri ere eman dute gaurko aurkezpenean. Sail Ofizialean, Claire Denis zuzendari frantsesa izango da epaimahaiburua, eta alboan izango ditu Fan Bingbing Txinako aktorea, Cristina Gallego Kolonbiako ekoizle, zuzendari eta aktorea, Brigitte Lacombe Frantziako argazkilaria, Vicky Luengo Espainiako aktorea, Robert Lantos Hungariako ekoizlea eta Christian Petzold Alemaniako zinemagilea. Euskal zinemaren sailean, berriz, Telmo Irureta euskal aktorea izango da epaimahaiburua, eta kide izango ditu Mikele Landa eta Kristina Zorita. Memoria Programazioari so, ohartu gabe egindako «konexioei» buruz hitz egin dute, eta nabarmendu aurtengo aldian memoriak pisu nabarmena izango duela. Rebordinos: «Memoriak Zinemaldian izango diren pelikula asko zeharkatzen ditu: kolonialismoaren, nazismoaren, erresistentzia frantsesaren, Latinoamerikako diktaduren, inguruko istorioak izango dira, euskarak hamarkadetan izandako arazoei buruzkoak...». Prentsaurrekoan Manuel Perez Estremera ere oroitu dute, bi urtez Zinemaldiaren buru izandakoa; asteartean hil zen. «Figura oso garrantzitsua izan da. Lan asko egin zuen isilean». 41. eta 42. aldietan izan zen zuzendari, eta jaialdiarekin lotura izan zuen gerora ere. Zinema aldizkarietan idatzi zuen gaztetan, eta Espainiako telebista publikoan lan egin zuen 1970eko urteetatik aurrera. TVEko zuzendaria ere izan zen, 2005etik 2007ra, eta euskarazko telefilmak egiteko proiektu bat abiarazi zuen karguan zela —azkenean, Zeru horiek (2005) besterik ez zuten filmatu—. Sarreren salmenten inguruko informazioa emateko ere probestu dute agerraldia. Hala, astelehenean emango dute Zinemaldiaren programazio osoaren berri, eta, asteazkenetik aurrera, film guztien gidak banatuko dituzte Zinemaldiaren bulegoan. Sarreren salmenta orokorra, berriz, hilaren 17an jarriko dute martxan. Egun horretan lehen hiru egunetarako sarrerak erosi ahal izango dira.
2023-9-8
https://www.berria.eus/albisteak/232573/bertsoak-umore-eta-alaitasunetik-entzuteko-manera-bat-da.htm
«Bertsoak umore eta alaitasunetik entzuteko manera bat da»
«Bertsoak umore eta alaitasunetik entzuteko manera bat da».
Bertsularien Lagunak elkarteko sustapen taldeko kidea da Maindi Murua Berra (Azkaine, 1989). Aitzineko aldiko taldekako Xilaban kantatu zuen bertsolari bezala. Aurtengoan, haatik, ez; antolakuntzan aritu eta ariko da. Taldekako Xilabak egiten dituen ekarpenez mintzatu da. Zer funtzio betetzen du Ipar Euskal Herrian taldekako Xilabak bertsolarientzat? Bertsolarientzat, taldean parte hartzeak ematen du parada beste giro bat sortzeko; bakarkakoan ausartuko ez liratekeen bertsolariak ausartzeko. Berantago bakarkakoan parte hartzeko ideia dutenentzat lehen pauso bezala ere ikus daiteke. Baina batzuek taldekakoan baizik ez dute parte hartzen, eta hori ere polita da. Taldean izanez, usu, belaunaldi nahasketa ikusten da ber taldean; elkarlaguntza giro bat sortzen da, eta elkar ezagutzeko parada. Bertsolariek elkarren artean bertso eskolak sortzeko aitzakia ere bada, txapelketa betidanik izan den bezala. Eta bertsozale edo ikus-entzuleentzat? Maiz entzuten dugu Iparraldean bertsolaritza umoreari lotzen zaiola; libertimenduetan eta entzuleak bertsolariarengandik umore handia espero du. Eta egia da bakarkako txapelketan entzuten ahal diren bertso guzien artetik umorea gutiegi antzematen dutela batzuek. Pentsatzen dut taldekakoa manera bat dela freskotasun, alaitasun eta umoretik bertso anitz entzuteko, nahiz eta hor ere badiren lekuak gaiak sakonkiago tratatzeko. Beti baditugu bertsolari batzuk biziki ideia interesgarriak partekatzeko parada atzematen dutenak horretan ere. Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoko lurraldeari zer ekartzen dio? Parte hartzaileei galdegiten diegu beren saioa antolatzea, besteen saioetara epaitzera eta gai ematera joatea; gurutzaketa handi bat sortzen da, bertsolaria ez baita kantatzen duen saiora joaten bakarrik. Bere saioa antolatzen duen momentutik, askoz jende gehiago sartzen da saioa antolatzen, eta elkarteko antolakuntza taldeak baino askoz leku gehiagotara iristen dira kanporaketetako saioak. Partaidetzak sortzen dira tokian tokietako ostatu, elkarte, gela ezberdinekin. Hori ere polita da. Banakako txapelketarentzat bertsolari kopuru batera heltzeko lagungarri da taldekakoa? Hori ere bada taldekakoaren helburuetako bat. Izan ditugu kasuak taldekakoan parte hartu ondotik bakarkakoan kantatu dutenak lehen aldiz; edo bakarkakora itzuli direnak taldekakoaren ondotik. Espero dugu aldi honetan ere gertatuko dela. Baina ez da helburu bakarra; taldekakoak bere bizia egiten du.
2023-9-11
https://www.berria.eus/albisteak/232574/laquoerrobi-aldean-bada-jende-ugari-euskaraz-mintzo-denaraquo.htm
Gizartea
«Errobi aldean, bada jende ugari euskaraz mintzo dena»
Lana bukatu eta euskara molde informalean baliatzeko, Lanetik Lekora ekitaldia sortu dute hiru lagunek, Kanbon. Lehen saioa atzo eginik, zabaldu nahi lukete lurraldean barna. Aitor Albizua hiru sortzailetarik bat da.
«Errobi aldean, bada jende ugari euskaraz mintzo dena». Lana bukatu eta euskara molde informalean baliatzeko, Lanetik Lekora ekitaldia sortu dute hiru lagunek, Kanbon. Lehen saioa atzo eginik, zabaldu nahi lukete lurraldean barna. Aitor Albizua hiru sortzailetarik bat da.
Enpresen zerbitzuetan lanean ari diren hiru lagun, Isaak Elduaien (Seigos), Pierre Bastres (Mamia + Antola) eta Aitor Albizua (Albizua Ingeniaritza) —”hiru profesional euskaldun eta euskaltzale”— elkartu dira Lanetik Lekora sortzeko. “After-work” bat, lanetik landa euskaraz aritzeko. Lehena, Kanbon egin zen barda, La Villa Bleue ostatuan. Lapurdiko herri horretan bizi da Aitor Albizua (Gasteiz, 1985), eta egitasmoaren harat-honatak esplikatu ditu. Nondik etorri zaizue Lanetik Lekora-ren ideia? Isaak Elduaienekin eta Pierre Bastresekin joan ginen Bai Euskarari-k Irungo Ficoban antolatu ekitaldi batera. Kafea hartzen ari ginela, Isaakek atera zuen ideia; Alemanian bizi izandakoa da, eta esan zigun: “Zergatik ez ditugu antolatzen lan osteak?”. Behar bat sentitu zenutelako Kanbo inguruan? Berez, Iparraldean oro har. Ikusten genuen behin ikasketak bukatu eta mundu profesionalera jauzi egitean, euskaraz ikasteko aukera hori guztia apur bat galdu egiten zela. Sarritan, zure ikasketen inguruko lanik ez zenuela topatzen Ipar Euskal Herrian; batzuetan urte askoren ondoren itzultzen da jendea etxera, eta bizitza profesionala euskara ez den hizkuntza batean hasi du. Jende horren bizian euskarari berriz tokia eman, beraz? Jendeak elkar ezagut dezan, ikus dadin badagoela jendea, eta gauzak normalizatzeko aukera egon litekeela. Lanetik Lekora-k zer luke gau eskolek eta mintzapraktikek ez dutena? Igual, informaltasuna; aisialdia. Ez dugu berez gairik jorratuko hasieran. Helburua da jendeak elkar ezagutzea, giro informal batean, garagardo batzuen inguruan. Mintzapraktika batek alde akademikoagoa dauka, ene ustez, serioagoa. Ikusiko dugu naturalki zer irteten den. Euskara menperatzea hobe da parte hartzeko? Uste dut hasieran euskara maila bat badutenei ireki dugula egitura, ez daukagulako sobera prestatuta. Helburua da hizkuntza profesionalki jorratzea. Gero, beharbada, Euskaraldian esparru bat sor daiteke belarriprestak eta ahobiziak elkartzeko. Kanbo inguruan ikusten zenuten parada ona? Kanbon bizita, erraza izan zait antolatzea. Saiatu naiz zerbitzua euskaraz ukaiteko lekuren bat topatzen, eta La Villa Bleue etxeko nagusiak euskaraz hitz egiten du. Kanboko herriari esker ona erakusteko modu bat ere bada, harrera ona eduki dugulako. Ikastolako buraso gisa ere konturatu naiz, hemen, Errobi aldean —Ezpeleta, Itsasu, Larresoro, Kanbo— badagoela potentzial handia; jende ugari mintzo da euskaraz. Lehen saio horretatik landa nola nahi zenukete segitu? Ikusiko dugu zer energia sortzen den, baina gustatuko litzaiguke beste saio batzuk edukitzea, eta Ipar Euskal Herri osoan mugitzea. Hurrena, Garazin egin dezakegu. Maule aldean ere bai. Potentziala badago. Maulen, adibidez, badira enpresa euskaldunak: Artzainak taldea, Elkar robotika enpresa. Ikusiko dugu hilabetero edo bi hilabetean behin egin daitekeen, eta pixka bat mugitu barnealdera eta kostaldera. Beti zuen taldekoak joanez horietara ere? Hasieran, behintzat, bai. Gero, gu barik antolatzen badira gauzak, arrakasta izango litzateke; sistema erresilientea lortzen badugu, hainbat hobe. Estia eskolatik ere ukan dugu laguntza ekitaldia zabaltzeko bere sare sozialen bidez. Jende ugarik partekatu du, eta ikusiko dugu nork daukan etortzeko aukera.
2023-9-10
https://www.berria.eus/albisteak/232575/urazaleratzen.htm
Kultura
Urazaleratzen
Durangon (Bizkaia) jaio zen Leire Vargas Nieto, 2002an. Idazlea, bertsolaria eta itzultzailea da. 2021ean, Irun Hiriko Kutxa Literatura saria irabazi zuen, Dena ametsa den irudipena poesia bildumarekin (Elkar). Besteak beste, gorpuztasunaz, kontzientzia hartze ideologikoaz eta pertsonen arteko harremanez aritu zen lan horretan. Raymond Carverren Bizikletak, giharrak, zigarretak eta Sally Rooneyren Soldata jauna narrazioak itzuli ditu, Armiarma.eus webgunean. Plazan eta sariketetan aritzen da bertsotan. 2020an, bigarren egin zuen Bizkaiko Eskolarteko Bertsolari Txapelketan. Iaz, Erre ikuskizuna plazaratu zuen, Haizea Arana, Oihana Arana eta Aner Peritz kideekin batera. Lanak bertsolaritza du oinarri, baina beste adierazpide batzuekin osatzen da. Aurten, talde berak beste saio bat sortu du: Azken oturuntza.
Urazaleratzen. Durangon (Bizkaia) jaio zen Leire Vargas Nieto, 2002an. Idazlea, bertsolaria eta itzultzailea da. 2021ean, Irun Hiriko Kutxa Literatura saria irabazi zuen, Dena ametsa den irudipena poesia bildumarekin (Elkar). Besteak beste, gorpuztasunaz, kontzientzia hartze ideologikoaz eta pertsonen arteko harremanez aritu zen lan horretan. Raymond Carverren Bizikletak, giharrak, zigarretak eta Sally Rooneyren Soldata jauna narrazioak itzuli ditu, Armiarma.eus webgunean. Plazan eta sariketetan aritzen da bertsotan. 2020an, bigarren egin zuen Bizkaiko Eskolarteko Bertsolari Txapelketan. Iaz, Erre ikuskizuna plazaratu zuen, Haizea Arana, Oihana Arana eta Aner Peritz kideekin batera. Lanak bertsolaritza du oinarri, baina beste adierazpide batzuekin osatzen da. Aurten, talde berak beste saio bat sortu du: Azken oturuntza.
Laster egingo du urtebete azkenengoz ikusi zuenetik. Gertatu behar zuen lehenago edo beranduago, baina halako ekitaldiak saihesten aritu da Alba. «Hondartzan geratuko naiz. Hitzaldi ostean bainutxoa hartu eta nonbait bazkal dezakegu», iradoki zion Mikelek atzo. Erraza da Mikelekin. Haren galderak sinpleak dira: «norekin joango zara» edo «non egingo duzu lo» soilak, zorroztasunik gabeak; inoiz ez «zergatik nahi duzu joan halako alfergura ematen badizu bertan egongo den jendeak» edo «benetan entzun nahi al duzu hitzaldia ala kritikatzeko motiboa da bilatzen duzuna». Albak kopilotuaren lekutik irten, aire kresaltsua aditu eta eskua heldu dio; horrela egin dute alde zaharreko kalean behera. Gustuko du Mikelen ahur latza, haren esku zabalak Albarenaren baitan biltzeko daukan era. Haren azala epel dago beti, edo bero, are. Ukituak maindire baten azpian gordetzearen antza dauka. Kanpora begira emango duten irudira ere ohitzen ari da. Bikote bat gehiago, ez besterik. Plazara heldu direnean Alba prest zegoen honezkero. Han daude guztiak, berrogei bat lagun, kultur etxe pareko tabernaren inguruan inurrien antzera pilatuta. Gogora ekarri nahi izan du haren itxura, baina elementu solteak soilik etorri zaizkio: ezin ezpain meheak eta txakur-so errukarria osotasun batean kokatu. Pentsatzeari utzi dio irudi jakinak itzuli zaizkion momentuan; hark bidalitako argazkietariko batzuk, batez ere. Bitxia da: beti deitoratu du bere memoria eskasa, baina mugikorrera helarazitako irudi horiek, behin bakarrik zabaltzeko aukera eman arren, bertatik bertara ikusitakoak baino definituago gordetzen ditu. Elkarrizketara itzuli aurretik segundo batzuez aztertu ohi zituen, zirujau-begiradaz, sortu behar lioketen erreakzioa hitzetara nola eraman pentsatu bitartean. Har iletsu bat izan zitekeen zerbait bidaltzen zioten eztarrian gora, baina hurrengo argazkiari itxaroten zion lehenengoa itxi bezain laster. Egun gehienetan irudiak tiradera ezkuturen batean uzteko gai bada ere, oroitu osteko erruak arrastoa uzten dio beti. Plazaren erdian topatu dute Maider irakaslea, taldearengandik pixka bat aldenduta. Elkarrizketan zehar, arreta Albaren eta inguruan itzulika duten haurraren artean tartekatzen joan da. «Bertan bizita, kale egiteko aukerarik ez, badakizu». «Tira, mikrodun interbentziorik ere ez, behintzat, ala?», Albak. «Egin dezatela gizonek, bestela ere gustura hartzen dute eta». «Duda barik, desiratzen ari ziren amaraunean eror nendin». Bekozkoa zimurtu eta ikerketa-taldeko kideenganantz bota du begirada. Doktorez eta kazetariz inguratuta daude, eta baita berba jakin batzuk aipatzen dituen edozein mahai-inguru interesgarria iruditzen zaien ikertzailez ere. Ez dirudi bera bertan dagoenik, oraingoz. Bere inguruko galdera iristean, «ondo, ondo» erantzun eta haurrari parez pare kokatu da Alba, makurtuta. Ez du lortzen birikak guztiz betetzerik. «Eta txiki hau, zelan dabil?», ukitu dio masail gorria. Umeak beste alderantz itzuli du burua, ibili dorpez jarraitzen ari den usoak alde egin ez dakion. Haurrak praktikoak dira batzuetan: arreta berenganatu eta galdeketak maila inondik substantzialetara iristea oztopatzen dute. «Tira, hartuko dugu zerbait?», iradoki dio Albak Mikeli hartuemanak gero eta soilagorako joera hartu duenean. «Eta gero joan zaitezke, nahi baduzu». Bere ondoan zutik jarraitzen zuen mutilak, irribarre otzan perfektua soinean. «Agur, Maider. Hurrengora arte», egin dio buruaz keinu irakasleari, eta «agur zuri ere, Nahi» gehitu, eskua mugituz. Irribarrea zabaldu zaio Albari. Bera ez zen haurraren izenarekin oroitzen. Plazako aulki, banku eta murruetan barreiatuta daude ikastaroko parte-hartzaileak. Bizkarrak zuzen mantentzen dituzte toki deserosoetan eserita egonagatik. Halako batean agertu da Enara, kultur etxeko ate ondoan, beste emakume batekin hizketan. Alkandora marraduna du soinean, erosi zuenean Albak «rollazoa» ematen ziola esan zion hori, eta solte darama ile fina; bizkar erdira ailegatzen zaio, duela urtebete bezalaxe. Goitikak sabelgaina kolpatu dio Albari, iraganean agertu eta identifikatzeko gai izan ez zen hondakin guztien batura. Noiz iritsi zen Enara Albaren gain halako boterea edukitzera? Hain kaltegabe erakutsi zuen bere burua beti, ze asmakizun hutsa izan zitekeela baitirudi. Oro har, egiten zuena Albari gauzak galdetu da, haren inguruan ahal beste jakin, eta bere bizitza bueltan kontatu: haurtzaro bakartiak utzitako arrastoa, gurasoen arteko hartueman zakarrak. Beti urrunegi zegoen aita, alde egin zuen arte. Min horiek guztiak isurtzen zituen Albaren barrura, eta Albak egarriak hartuta jasotzen zizkion, harik eta bere lehentasun handiena Enara bera jasotzea izan zen arte. Zer du horrek maltzurkeriatik? Albak ez du argudiorik; gorputzaren erreakzioak soilik geratzen zaizkio. Urtebetean zehar izan ditu atzetik. Tabernara bidean batekin eta bestearekin geratu da hizketan; galde-erantzun berberak errepikatu ditu hainbat aldiz, lagun bati Mikel aurkeztu dio. Urrunetik entzuten ditu ahotsak, baita berarena ere; birritan edo hirutan haria galdu eta aurpegiera zuzendu behar izan du entzundakoa barneratzen ari delako itxura emateko, soari eusten ari zaiola kultur etxeko aterantz zuzendu ez dadin. Mugikorrak dardara egin dio poltsikoan barrara ailegatzearekin bat. Enara izan liteke, ikusi duela esanez eta plazatik atoan alde egiteko aginduz. Taupa-taupa du bularra. Ia urtebete lehenago ere hala izaten zuen, pantaila piztu eta Enarak egun hartan zeukan aldartea identifikatzeko parada emango zion mezua heldu ote zen begiratzean. Ukalondoak barran bermatu eta burua esku artean gordetzeko gogoari eutsi dio. Esku bat pausatu zaio gerrian. Buelta egin eta Mikelen aurpegiera samurra ikustean hura besarkatzeko bulkadak ia malkoak ekarri dizkio begietara Albari. Irribarre umela eskaini dio. «Ez dakit zertan ari naizen hemen». Mikelek barre egin eta sorbaldak heldu dizkio, goxo, Alba lurrera ekarriz. «Niri esango didazu?». Beiratean zehar Enararen solaskidea ikus dezake Albak. Harago, Enararen lankideak, zeintzuekin otordu bat baino gehiago partekatu zuen Albak ere urte bete lehenago. «Ordu bata bost gutxi», erantzun dio Mikelek, Albak galdetzean. «Joango gara hondartzara?», Albak. «Gara?», ñabartu ditu begiak Mikelek, dibertituta. «Tira, hire esanetara, andereño». Burua uretan murgiltzean apaldu zaizkio Albari buruko ahotsak: plazako jendearen harridura, Enara Albaren amarruez berbetan. Tabernatik tragoa eskuan atera eta hura edozein ezagun lez agurtu izana aukera hobea ote zen? Jende guztiari irudituko zaio arraroa alde egin izana, noski. Agurtu besterik ez egitea ere susmagarria litzateke, ordea, joan den urteko ikastarora biak batera azaldu eta gero. Urazala zeharkatu eta sakon hartu du arnasa. Berdin dio, egoerak ez du irtenbiderik. Enara zaharragoa da, doktorea. Keinu afektiboak egiten dizkio neska-lagunari jendaurrean. Traumaosteen inguruan predikatzen duten artikulu esperientzial luzeak idazten ditu. Zelan lotuko zuen ba Alba bere ondoan gogoz kontra? Mikelek gerria inguratu dio besoekin, eta haren bular lauan bermatu du bizkarra Albak. Bere baitan geratuko da galdera, hauts bihurtu arte. Masailetako tanta beroak gatz artean disolbatu zaizkio.
2023-9-10
https://www.berria.eus/albisteak/232576/egunerokoa-eskuekin-edertzea.htm
Kultura
EGUNEROKOA ESKUEKIN EDERTZEA
Txinparta baino gehiago, lana. Ane Garciak eta Jabier Muguruzak «artisautzat» dituzte beren buruak, eta ez «sortzailetzat». Muguruzak bizitza osoa eman du zoru labainkor horretan lanean, eta Garcia ere orekaren atzetik dabil duela urte batzuetatik. «Jendeari banan-banan» hitz egin nahi diote beren jardunean.
EGUNEROKOA ESKUEKIN EDERTZEA. Txinparta baino gehiago, lana. Ane Garciak eta Jabier Muguruzak «artisautzat» dituzte beren buruak, eta ez «sortzailetzat». Muguruzak bizitza osoa eman du zoru labainkor horretan lanean, eta Garcia ere orekaren atzetik dabil duela urte batzuetatik. «Jendeari banan-banan» hitz egin nahi diote beren jardunean.
Elkarrekin igo dira agertokira Ane Garcia eta Jabier Muguruza, ez aurreneko aldiz. Elkarren ondotik abestu zuten, orain 11 urte, Lurra taldeak eta Muguruzak Elgetan (Gipuzkoa) emandako kontzertu batean —esan liteke egun hartan ezagutu zutela elkar benetan—; baita orain ia lau urte ere, Bilbon, Iñigo Muguruza hil berriaren omenaldian. Jabier Muguruzak gogoan du anaiak Garciarekin Lurra sortu zueneko garaia: «Komentatzen zen: 'Iñigok orain jarri du kantari neska oso gazte bat'. Iñigoren gauzak. Ez dut esaten ongi egiten ez zenuenik, ondo egiten zenuen, baina bitxia zen». Garciak 17 urte zituen. «Gerora hartu dut horren kontzientzia: zer gaztea nintzen hor egoteko». Irungo (Gipuzkoa) Amaia antzokiko agertokira igo dira, ez aurreneko aldiz. Han egin zuen jendaurreko lehen emanaldia Garciak, dantza ikasle zela; eta orain arteko azken-aurreko kontzertua Muguruzak, duela hiru urte. Noiz gogoratzen duzue Iñigo Muguruza? ANE GARCIA: Bera izan da nire bizitza gehien aldatu duen pertsonetako bat, hartu ninduelako oso gazte, eta erakutsi zidalako bide posible bat izan zitekeela musika egitea. Lehenago ez nuen pentsatu hori aukera bat zenik, ezta nik zer esan banuenik ere. Orduan, musika egiten dudanean, eta bereziki gitarra jotzen ari banaiz, berekin gogoratzen naiz. Eta, noski, bere kantak entzuten ditudanean ere bai. JABIER MUGURUZA: Nik ere askotan gogoratzen dut. Hemen gure azken aurreko kontzertua egin genuenean, Geltokiak izarretara aurkezten, bera ja ez zegoen, hilabete batzuk lehenago joan zen. Baina aurrekoan, Hondarribian [Gipuzkoa], bai. Uneren batean, urarekin ez dakit zer komentario egin nuen, eta: «Ura behar duzu?». Kontzertu erdian, altxatu, eta ur bila joan zen ondoko tabernara. Uste dut pixka bat erretratatzen duela horrek ere. Ez zegoen batere jainkotua; kontrakoa. GARCIA: Horregatik izango da errazagoa gogoratzea momentu arruntetan. MUGURUZA: Hemengo kontzertuan, aipatu nuen. Ari nintzen aurkezten nire anaien kantaren bertsioa, eta esan nuen: «Zer gauzak dituen bizitzak. Hemen izango bazina kanta aukeratu, eta, handik gutxira, kanta entzun gabe joan zen». Oso hunkigarria izan zen. Karmele Jaiok hari eskaini zion Aitaren etxea: «Iñigo Muguruzari. Gizon berri guztiei». Nola irudikatzen dituzue gizon berriak? GARCIA: Uste dut Iñigok bazituela gizon berri baten ezaugarritzat uler daitezkeen ezaugarri batzuk —eta hau nire interpretazioa da, beti ulertu behar dugu norberak daukala pertsona baten irudi konkretu bat—. Zuk esan duzu: neska oso gazte bat jarri zuen abesten bere talde berrian. Hori modu askotan egin daiteke. Ane Garcia. Jagoba Manterola, FOKU MUGURUZA: Arrazoi duzu. GARCIA: Ni ez nintzen inoiz sentitu paternalizatuta, adibidez. Nahiz eta dena neukan ikasteko. Iruditzen zait keinu eskuzabal bat izan zela. Grazia egiten dit, zeren Iñigo jende askok idolatratzen du Kortaturen eta Negu Gorriak-en garaietatik, eta garai haiek eta musika hori lotzen ditut maskulinitate eredu jakin batekin, gaur egun oraindik ere erreproduzitzen dena, baina nik bere azken hamar urteetan ezagutu nuen, eta nire irudiak ez du zerikusirik horrekin. Musikalki ere beste zerbait egiten zuen. Esaten dut ni naizela Iñigo Muguruzaren talderik ezezaguneneko abeslaria. MUGURUZA: Martirio kantariak askotan komentatzen du: «Jabier, hace falta que el músico tenga el ego domesticao [Jabier, musikariak egoa otzandua izan behar du]». Uste dut Iñigok oso otzandua zeukala. Iñaki Segurola zenak esaten zuen: «Hemengo ezkerra: ideologia, ideologia eta ideologia. Niri interesatzen zait ideologia kendu, eta azpian zer dagoen». Eta ni ere hor nabil gero eta gehiago; inkontzientearen mundua, hori da nire obsesioa. Pena handiz esan behar dut XX. mendean zer indar zuen inkontzientearen zerak, atzeraka egin dugu alde horretatik; orain gaizki ikusita eta guzti dago. Ideologia, tonaka. Hala eta guztiz ere, ados nago, hor ekarpen interesgarri bat egon daiteke. Ez nabil erreibindikatzen gizon eredu... GARCIA: Matxiruloak. MUGURUZA: Hitza ere ez. Badakit orain matxirulo esan behar dela, baina ez da nire gustuko hitza ere. Mania bat da, nire belarria. GARCIA: Niri gustatzen zait gauza batzuk izendatzea, zerbaiterako. Horrelako gai potolo eta aldi berean intimoekin, arrisku bat dago: diskurtso bat ikas dezakezu, baina barneratzea beste gauza bat da. Uste dut hasi behar garela goresten ideologia hori esplizitatu gabe praktikan gauzak txikitik aldatzen dituen jendea. Ane, aspaldi honetan ez zara aritu musikan, ezta? GARCIA: Bueno, zer den aritzea. Jendaurrean, ez. Azkenekoz Iñigoren omenaldian igo nintzen taula gainera musika egitera. Geroztik, musika egiten jarraitzen dut, etxean. Hor ere badut nire gatazka: zertarako plazaratu, zertarako komunikatu... Gainera, kanta oso intimistak ateratzen zaizkit, eta horrek amorru pixka bat ematen dit [barrez]. MUGURUZA: Zer ba? GARCIA: Ez dakit... Ari naiz horrekin bakeak egiten. MUGURUZA: A, bueno. GARCIA: Azkenean, gaur egungo musika mundua baldintzatuta dago. Zerbait egitekotan, segur aski egingo dut gauza txiki bat, gustuko musikariekin. MUGURUZA: Baldintzatuta, autopromoagatik-eta? GARCIA: Bai. Atera dezakezu EP bat eta lagunei erakutsi, baina iruditzen zait zerbait eginez gero prest egon behar zarela defendatzeko, estetika bat lantzeko, eta ez nago horretarako prest. MUGURUZA: Nartzisismo kolektibo orokor honetan bizi gara, eta musikara ere ailegatu da, indar handiz. Galdetzen didate: «Zergatik zuzenean ez?». Orain nire gauzatxoak egiten nabil, umeentzat, baina, gaur egun, zuzenean aritzea, etengabeko autopromo horretan, ninini eta ninini... Beti egon da, baina orain basatia da. GARCIA: Egia da musikari asko ez direla horrela bizi. Nik kontsideratzen ditut musikaren artisauak. Azken urteetan eduki dut aukera haietako batzuekin kolaboratzeko, eta gozamena izan da. Baina beste leku bat da, ez du halako proiekzioa edukitzeko asmorik. MUGURUZA: Artisau hitza asko gustatzen zait, eta erreibindikatzen dut. Zeren, orain, sortu, sormen, sortzaile... Ez dago besterik. GARCIA: Nik ere gatazka bera daukat sortzaile hitzarekin. Testuinguruaren arabera, batzuetan sentitzen dut ez dagoela beste aukerarik, baina amorrua ematen dit, hasteko, ez dudalako uste mundu guztia izan daitekeenik... artearen artisau. MUGURUZA: Eta ni guztiz ados nago horrekin. Orain dela gutxi gertatu zait, eskola batean. «Jabier sortzailea da», nola ez. «Sortzailea da, zuek denak zareten bezala». Isilik geratu nintzen, baina horixe pentsatu nuen —eta uste dut ez zirela zeloak: 3, 4, 5 urteko umeak ziren—. «Ez, ez; hemen batzuk izango dira, segur aski —izena ez da inportanteena—, eta beste batzuk ez. Eta horregatik ez dira gutxiago izango». Zeren bueltatzen gara gai delikatu horretara: egoa, nartzisismoa... Sortzailea baldin banaiz, hemen nago. Artisaua... lanean ari da. Gero egia da egun batean etortzen zaizula zerbait, eta esaten duzula: «Hau nola demontre izan da?». GARCIA: Mundu guztiak dauka kreatibitate deitzen den hori, baina esatea mundu guztia artearen artisaua dela... Inor ez da ofenditzen esateagatik denak ez direla izango ingeniariak edo arkitektoak. Ematen du hartzen duzula posizio moral goragoko bat. Ni momentu honetan ez naiz horretan ibiltzen, baina sentitzen dut banaizela hitzaren artisaua, itzulpenekin eta idazketarekin. Ez da bakarrik txinparta bat, lana da. Zer du, bada, sortzeak? MUGURUZA: Sortu, hutsetik sortzen da. Eta orain dena hasi daiteke hutsetik. Transmisioa eten egiten da —hau, nola ez, AEBetatik datorkigu, woke mugimendutik, zeina modu batean hasi baitzen, baina beste modu batean eraldatu den—. Lehengoan, batek esan zidan, profesional batek, nerabe askok ez dakitela zertan lan egiten duten gurasoek. Sinesgaitza da, baina horrela omen da. Dena da hutsetik: zuk zeuk egingo duzu zure bidea. Justu beste muturrean dago Josep Pla: «Zein da artista baten helburua? Beste ttantta bat jartzea komunitate baten ondare horretan». Zeinek sortzen du? Sortzaileak. Jainkoak. GARCIA: Artisauak behar du tradizioa, nahiz eta izan kontra egiteko. Verde Pratok atera zuen EP bat, Euskal Pop Erradikala, eta hor dago Zu atrapatu arte-ren bertsio marabilloso bat, ziur asko ez lukeena hain ondo funtzionatuko gure imajinario kolektiboan ez balego Kortaturen zera hori guztia. Sektore bat saiatzen ari da tradizioa berrinterpretatzen. MUGURUZA: Bertsio batek zentzua du, zeure egiten baduzu. Gauza bera errepikatzeko... GARCIA: Txarangen bertsioetan kanta iguala behin eta berriro entzutean ez, baina berrinterpretazio batean ekarpen bat dago. Begira, igual bertsioekin zerbait egingo nuke, zeren uste dut gutxietsiak daudela. Bertsioak ondo egitea —kanta zeureganatzea; esaterako, Silvia Perez Cruzek bertsio pila bat egiten ditu— ez da kantak ezerezetik sortzea baino okerragoa, baina horri beti ematen zaio balio handiagoa, nahiz eta ez egin ekarpen handirik. Jabier, inkontzienteaz aritu zara lehen... MUGURUZA: Orain horretara dedikatzen naiz: musika, literatura eta inkontzientea. Azken diskoak aurkeztu dituzunean, haurrentzako musikan ez ezik, haurren munduan ere murgilduta agertu zara. Haurtzaroan konfiguratzen al da funtsezko zerbait, artista izateko bidean? MUGURUZA: Lagun batek esaten du: «Somos la infancia y poco más [Haur hutsak gara, ez besterik]». Eta ni ados nago. Haurtzaroa gara, eta beste zeozer: pintzelkada batzuk, ideologia pixka bat, makillajea, pertsonaia bat, argazkietan natural plantak egiten ditugu... baina haurtzaroa gara, nagusiki. Garai hartan ez nintzen kontziente, baina Ja ja izan zen nire lehenengo diskoa [1989], eta Sei lagun, sei sekretu lehenengo liburua [1994]. Hor bazegoen zerbait beti haurtzaroari lotuta. Denbora gutxian gertatu zaizkit gauza batzuk. Galdu ditut pertsona oso inportanteak, eta batzuk nahiko modu traumatikoan, gainera; eta bilobak izan ditut. Berriz ere haurtzaroa. Mundu zoragarri bat dago hor. Eta kezka handiz ikusten ditut haurtzaroari buruz esaten diren gauza batzuk. Nola bizi duzue zuen ogibidea? GARCIA: Nik momentu batean erabaki nuen ez nintzela izango dena delakoaren artisaua. Ez nintzela izango hori bakarrik. Zeren ez nuen nahi horren baitan egotea nik jan behar dudana, iruditzen zitzaidalako sufritu egingo nuela. Erabaki nuen lanbidez izango nintzela itzultzailea, edo hitzarekin behar dena egingo duen artisaua, eta gero egongo zela esfera artistikoa. Oraingoz, ondo nago horrela. MUGURUZA: Nik beti egin dut zeozer, baina egia da ia bizibide izan dela musika. Hau erdi brometan kontatzen dut, nire eboluzioa esplikatzeko. Hasi nintzen Resistencian, Madrilgo diskoetxe batean, inozentea ni, pentsatuta: «Hemendik kanpo aritzea lortzen ari naiz, orain Resistenciak hartu nau, nazioarteko banaketa...». Eta ez zen hain erraza izan. Lehenengo urtean, sekulako lokala zuten, Madrilgo erdialdean; handik denbora batera, bigarrena, urrunago; eta hirugarren lokala —itxi aurretik, zeren azken kapitulua izan zen pertsiana jaistea— kanpoaldean zegoen, pabiloi kutre batzuetan. Nik hori ezagutu dut. Orain nire diskoak nik ateratzen ditut, besteak beste, ez dagoelako diskoetxe bat interesatua nire diskoak ateratzen. Bueno, ez dago diskoetxerik apenas. Nire bizitza banatuko banu 20 urtetik 40ra eta 40tik 60ra, aldaketa askoz ere handiagoa izan da bigarren etapa horretan, nahiz eta beti aldaketan bizi. GARCIA: Interesgarria da ikustea aldaketa teknologikoek nola aldatzen dituzten kontsumoa, ohiturak eta artea bera. Streaming plataformek aldatu dute musika egiteko modua, eta horretaz bizi nahi dutenek badakite zer egin behar duten. Gaur egun euskal talde batzuek oso ondo identifikatu dute hori, eta funtzionatzen die. Niri interesatzen zait komunikazio ekintza bat izatea. Mejillon Tigren, gure hautua argia izan da: zuzenekoak egiten ditugu, spoken word egiten dugu, eta ez dugu su artifizialik erabiliko. Gu biok goaz, eta kito. Agian batzuengana ez gara iritsiko, baina hautua hori da. Ez dugu hortik ateratzen ogia, baina... MUGURUZA: Nik entzuten dudanez, entzuten dizuedanez, orain beste mentalitate bat dago. Guretzat ametsa zen musikaz bizitzea; gure obsesioa zen, nahiz eta gero lagundu beste zerbaitekin, soldata osatzeko. Orain entzuten dut segitzen duzuela martxan, baina garbantzuak beste nonbaitetik ateratzen. GARCIA: Oreka hori aurkitzea zaila da. Iaz, adibidez, hartu nuen hilabete, eta idaztera joan nintzen. Desastre bat izan zen, pila bat agobiatu nintzen. Pentsatu nuen amesten dudan bizitza bohemio hori agian egunerokoan gertatu behar dela, nire kasuan. Igual pixka bat sortzaile jarri nintzen... Hala ere, uste dut badagoela kontzientzia bat, eta badago sektore bat amets hori daukana, eta egiten ari dena, merkatuaren logikari pixka bat men eginda —ez dut txarrera esaten—. Eta lortzen dute. Mejillon Tigreren emanaldietan, gainera, presente dago hori guztia: garaiaren prekaritatea, klase ertainaren dekadentzia... Egunerokoan aurkitzen duzue sortzeko materiala? GARCIA: Eiderrekin [Perez], Mejillon Tigreko kidearekin, askotan hitz egin dut nola gazteagoak ginenean saiatzen ginen idazten gauza handiei buruz, iristen gauzen muinaren muinera. Baina hori ez duzu egiten besteekin komunikatzeko, baizik eta egoarentzat. MUGURUZA: Bueltatzen gara... GARCIA: Azkenaldian, behin eta berriz datorkit gogora idazten dudanean edozein artelan komunikazio ekintza bat dela. Eguneroko gauzek parean duzun publikoari helduleku bat ematen diote, eta gero horren irakurketak egin ditzakezu, umorez, kritiko... Diziplina bakoitzak ematen dizu egiteko modu bat. Adibidez, uste dut Mejillon Tigrerekin egiten duguna musikan ezingo nukeela egin. Nire kanten hitzak beti oso tristeak dira; poemak barregarriagoak ateratzen zaizkit. Jabier Muguruza. Jagoba Manterola, FOKU MUGURUZA: Egunerokoa oso aberatsa da, joder. Fama txarra du, aspergarria omen da, sinplea, errutinazkoa... Ez dakit, ni ez naiz aspertzen. Eta aspertzen naizenean, gogoratzen naiz Xabier Letez, nola esaten zigun musikariei: «Zer gustura ari naizen aspertzen!». Gizakiak aspertu beharra dauka, eta isilik egon beharra. Beti inguratu naiz ildo horretako jendeaz, hori ere ez da kasualitatea. Ez dut izan inguruan poeta epikorik. Behar dugu hartu jendea banan-banan, eta horiei abestu, ez multzo handi bati. GARCIA: Gainera, zerbait kaleratzen duzunean, ez dakizu nora iritsiko den. Gertatu zait Lurraren diskoa atera eta zortzi urtera norbait etortzea esanez kanta bat entzun zuela ez dakit zenbat aldiz. Ederra da pentsatzea hor egon ahal izan zarela bere intimitatean. Epiko jarrita, masarentzat ari zara, eta iritsiko zara jende askorengana, baina ez zait asko gustatzen. MUGURUZA: Nik behin kantatu nuen 60.000 lagunen aurrean, Bartzelonan. Jendea, jakina, ez zen joan Jabier Muguruza ikustera; ginen Jabier Muguruza, Morente eta Manu Chao, eta jendea joan zen Manu Chao ikustera. Sentsazioa izan zen... Ez zegoen inor. Ez dakit esplikatzen. Euskal kulturgintzaren gaitzen artean, ikusgarritasun falta seinalatzen da maiz, horrek berarekin dakarrelako ez ezagutzea, ez zabaltzea, eta gurpil zoroa martxan jartzea. Baduzue kezka berezirik horrekin? MUGURUZA: Batzuetan, estatua aipatzen da, gure beste totem bat: «Estatu bat edukita, konponduta». Orain dela gutxi entzun nion kantari bati azken aldiz. Zur eta lur gelditzen naiz —eta ez du zerikusirik estatu bat behar ote dugun debatearekin—: ez duzu inguruko herrialdeetan lagunik, lankiderik? Ez dakizu nola dabiltzan? GARCIA: Iruditzen zait diskurtso horretan badagoela autokonplazentzia puntu bat ere, horri egotz diezaiokezulako ez iristea. Ezin dugu baliatu hori, egiten dugunarekin zorrotzak ez izateko. Adibidez, urtero argitaratzen den liburu kopurua ezin du asumitu euskal hiztunen komunitateak. Ikuspegi ekologiko bat izan behar dugu. Uste dut plazaratzen dena hobeto landu behar dela. Hala ere, egia da, euskaraz egiten dena gizartearen sektore batek ez du aintzakotzat hartzen. Baina konplexu bat ikusten dut, eta niri ez zait gustatzen konplexutik sortzea. MUGURUZA: Biktimismoa ere dezente gustatzen zaigu. Ados nago Anerekin. Kezka hor dago, logikoa da, eta denok dugu, baita ukatzen dutenek ere. Baina saiatu behar da norbera bere lanean zentratzen eta gauzak txukun egiten. Iaz ez zenuen erakusmahairik ipini Durangoko Azokan. MUGURUZA: Bueltatuko naiz, segur aski. Segitzen baldin badut umeentzako gauzak ateratzen ilusioarekin, inportantea da. Han gero salduko dituzu 100-150 ale. Ni ez naiz sekula izan saltzaile handi bat, beti izan naiz minoritarioa, baina leku desberdinetan: hori izan da nire karta. Batzuetan iruditzen zait disimuluan gabiltzala; besteetan, batzuk inozente hutsak direla. Zertarako gogoa duzue? MUGURUZA: Gogoa izaten jarraitzeko gogoa. Lagunekin, topa egitean, esaten dute: «Osasuna!». Eta nik: «Eta gogoa!». Iruditzen zait gogoa funtsezkoa dela. Eta gogo galera orokor samar bat dago; deitu depresioa, nahi baduzu, orain erabiltzen den hitza erabiltzeagatik, azken finean, oso lotuta daude eta. Gainera, lotuta dago aipatu ditugun kontu askorekin. Ni oso antiyankia naiz: beti gabiltza Espainia gora eta Espainia behera, baina gure erreferente kultural nagusia ez da Espainia, AEBak dira. Oraintxe ez dut pretentsiorik. Izan ditut, e: azaldu dut Resistenciarena. Orain ez daukat hori. Gehiago esango dizut: nire hurrengo proiektua helduentzako proiektu bat izango da, eta izango ditu diskoa eta bi kontzertu. Apalagorik ezin da planteatu. Iñaki Irazu da nik gehien musikatu dudan poeta, 32 kantu ditut haren hitzekin. Aukeraketa bat grabatuko dut, bertsioak, autobertsioak, Geltokiak izarretara grabatu zuen superbanda horrekin, eta bi kontzertu eman: Bilbon eta Donostian. Baten batek esango du konformismoa dela. Bueno. Baina badut gogoa. Literatura, musika eta inkontzientea. Eta klima aldaketaren kontra zerbait egin behar dut. GARCIA: [Barre algaraka]. MUGURUZA: Bai, bai. Benetan iruditzen zait ez dugula aintzat hartzen datorkiguna. GARCIA: Bai, gutxi hitz egiten dugu horretaz. Pretentsioez aritu zarenez... ni 23 urterekin erretiratu nintzen kantugintzatik. MUGURUZA: Hori ona da [barrez]. GARCIA: Eta azken urteetan pretentsioek eta asmoek blokeatu naute asko. Nahiko nuke hori askatu. Ideiak badauzkat, eta batzuetan igual gehiegi zatitzen da neure burua diziplinen artean. Gogoa daukat lasai sortzeko. Sortu esan dut, baina... bai, lasai sortzeko. Egunen batean kontzerturen bat emateko ere bai. MUGURUZA: Orduan, pretentsio handiak izan daitezke oztopo. GARCIA: Bai, bai. Esan dut kanta intimistak ateratzen zaizkidala. Ba, askotan blokeatu izan nau horrek: «Ezin dut kanta intimistarik egin, nire asmoa beste nonbaitetik doalako». Hori askatzen ari naiz pixkanaka. MUGURUZA: Intimismoak badu bere publikoa, e. GARCIA: EPren bat grabatzen badut, bidaliko dizut. MUGURUZA: Fenomeno.
2023-9-11
https://www.berria.eus/albisteak/232577/laquooso-globalizaturik-gaude-antzera-janzten-gara-mundu-osoan-zeharraquo.htm
Bizigiro
«Oso globalizaturik gaude; antzera janzten gara mundu osoan zehar»
Bilbon pintxo bat jaten ari zela modelo agente batek pare bat argazki atera zizkionetik, modaren munduan murgildu da Jon Arribalzaga. Italian, Parisen eta Madrilen ibili da lanean.
«Oso globalizaturik gaude; antzera janzten gara mundu osoan zehar». Bilbon pintxo bat jaten ari zela modelo agente batek pare bat argazki atera zizkionetik, modaren munduan murgildu da Jon Arribalzaga. Italian, Parisen eta Madrilen ibili da lanean.
Metro bat eta 86 zentimetro. Saskibaloian jokatzeko ez bada, Jon Arribalzaga (Gernika-Lumo, 1995) altua dela esan daiteke. Baina zentimetro bakar bati esker jarrai dezake bere ogibidean. Izan ere, ilea hori eta begiak urdin dituen gernikarra modeloa da. Bizkaiko Hitza-n agertzeko argazkiak egin bitartean, nabaritzen zaio modelo jarrerak guztiz barneratuak dituela. Oraingoan bere herrian izan dira, baina, normalean, askoz kilometro gehiagotara entzuten du kameraren katua; Norvegian, Italian edo Frantzian, esaterako. Nola hasi zinen modaren munduan? Istorioa kuriosoa da oso. Unibertsitatean nengoen gradu amaierako lana egiten, Bilbon. Deskantsuan, pintxo bat jaten ari nintzen. Emakume bat etorri zitzaidan nire izena galdetuta, eta pare bat argazkiren eske. San Frantzisko 40 modelo agentzian egiten zuen lan, eta nire argazkiak hainbat agentziaren artean zabaldu zituen. Pelikula batean bezala! Gauzak horrela, Bartzelonako agentzia bat nirekin jarri zen harremanetan, eta hona etorri ziren bilera bat izateko. Haiek entzun ostean, erabaki nuen Bartzelonara joatea hurrengo ikasturtean , modelo gisa lan egin eta masterra egiteko. Nolakoa zen zure Bartzelonako bizitza? 2019an joan nintzen hara, eta ia urtebetez egon nintzen, COVID-19a heldu zen arte. Gustura hasi nintzen, baina, modeloen munduan hasten zarenean, tarifak ere zurekin hasten dira, behe-behean. Lan batzuk irten zitzaizkidan, baina diru gehiago behar nuen alokairua-eta ordaintzeko. Horregatik, nire gauzak bildu, eta Madrilera joatea erabaki nuen, bertan aukera gehiago egongo zirelakoan. Hala ere, Bartzelonan nengoela nazioarteko lan batzuekin hasi nintzen: Milanera [Italia] joan nintzen. Bueltaka ibili zara. Zergatik? Europan hiru ardatz nagusi daude modan: Milan, Paris eta Madril. Horiek dira merkaturik handienak, eta bertara bidaiatu behar duzu maiz. Milanen jada hiruzpalau aldiz egon naiz, eta Parisen, beste hainbestetan. Orain arte egindako zer lan azpimarratuko zenituzke? Bidaiatzea da lan honek duen onena. Santorinin [Grezia] egon nintzen behin Dunorekin kanpaina bat egiten. Italiarrak dira, baina duela gutxi denda bat zabaldu dute Bilbon. Polo Clubekin Mallorcan [Herrialde Katalanak] egon nintzen. Esperientzia itzela izan zen: itsasontzi batean egon ginen argazkiak egiten, eta itsasontziko lema hartzeko kapaz izan nintzen. Norvegian eta Suedian ere ibili naiz. Hanburgon [Alemania] Zalandorentzat egindako kanpaina ere oso gustura egin nuen. Agian, egon naizen lekuetatik ezberdinena da Hanburgo: Euskal Herrian janzten garen modutik gertuago daude. Oso ezberdina al da janzkera eta moda ulertzeko era Euskal Herrian eta munduko beste gune batzuetan? Ez nuke esango ezberdintasun handiak daudenik orokorrean; baina egia da Milan edo Paris bezalako hiri batera joanez gero ezberdintasunak nabaritzen dituzula. Bi hiri horietan, bakoitzak bere estiloa du, eta kalean paseatzen zoazela nabaritzen duzu jendeak garrantzi handia ematen diola janzkerari. Bestela, oso globalizaturik gaude; antzera janzten gara mundu osoan zehar. Norbere irudiak geroz eta garrantzi handiagoa duela dirudi. Zeure irudiari esker bizi zara. Uste duzu Instagram eta antzekoekiko obsesioa dagoela? Norbere irudiari garrantzi handiegia ematen zaio? Baietz esango nuke. Gustatuko litzaidake Instagram ez egotea. Beste batzuen bizitzekin eta gorputzekin konparatzen dugu geure burua. Beste batzuen bizitzez arduraturik gaude, eta gureak bakarrik izan beharko luke garrantzitsua. Ezagutzen ez dugun beste pertsona baten fanak gara. Uste dut gazteek geroz eta okerrago kudeatzen dutela; oso lotuta bizi dira. Une oro daude Tiktoken sartuta. Altxor hobea da liburu bat irakurtzea, jendeak zure oporretako argazkiak ikustea baino. Nire ustez, nolabaiteko muga bat ezarri beharko litzateke: egunean Instagram ordubetez erabili ahal izatea gehienez, esaterako. Sare sozialek zer eragin dute zuen lanean? Instagram oso garrantzitsua da. Gure curriculuma da. Argazki bakoitzak lan egiteko era bat adierazi behar du: estilo asko aurrera atera ditzakezula. Jarraitzaile kopuruari ere erreparatzen diote: zenbat diren zure lagunak eta zenbat diren jarraitzaileak. Zure inpaktua ezagutzeko egiten da hori. Jarraitzaileen eta jarraitzen diezunen kopuruen arteko kenketa egiten dute. Hortaz, noizbait esan behar izan diet lagunei ezin diedala jarraitu, baina ez dute txarto hartzen. Zaila da imajinatzea nolakoa den modelo baten lana. Pazientzia handia izan behar dugu. Kanpaina batean beste hainbat modelorekin batera egon gaitezke lanean; hortaz, litekeena da argazki batzuetatik beste batzuetara oso luze itxaron behar izatea. Onena libururen bat eramatea da. Beste pertsonekin harremanetan egonda egin beharreko lana da: estilistak, diseinatzaileak, argazkilariak, modeloak, eta abar. Denak batu behar dira emaitza ona izan dadin. Hortaz, garrantzitsua da enpatikoa izatea. Begiradak ere garrantzitsuak dira, ezta? Ez nuke jakingo azaltzen zehazki nola egiten dudan. Argazkiak ateratzen dizkidatenean eta posatzen hasten naizenean, ez dut ezertan pentsatzen, eta aurrera egiten dut. Automatizatuak ditut gauzak dagoeneko. Zaila da modelo izatetik bizitzea? Nik lortu dut, baina egia da zaila dela oso. Mundu honetan sartu aurretik, garrantzitsua da haien ordainketa politikak ezagutzea, markek hiru hilean behin ordaintzen baitute. Apirilean egiten duzu lan, baina ekainera edo uztailera arte ez duzu kobratzen. Hori dela eta, zailena da nolabaiteko egonkortasun ekonomikoa lortzea bi hilabete horietan arazorik ez izateko. Hasieran, beste lanen batekin osatu beharra dago. Zortea izanez gero, lan handi bat heltzen zaizu, eta lasaiago bizitzeko aukera agertzen da. Beste lan hori uzteko aukera agertzen da. Argazkiak, publizitate kanpainak, iragarkiak eta moda pasarelak: denetarik egin duzu. Azken horiek ez ditut hain gustuko. Madrilgo Fashion Week delakoan hiru aldiz egon naiz; eta, irailaren 16an, laugarrenez egongo naiz. Milango modaren asteko castingetara ere aurkeztu nintzen, baina ez nuen batere gustuko izan. Zoratzekoa da zenbat modelo aurkezten diren. Denak ziren ni baino altuagoak. Ez nuen arrakastarik izan horretan. Oso arraroa zen. Hiru pertsonaren aurrean ibili behar zenuen soilik, baina oso urduri nengoen. Milanen eta Parisen gizon altuak bilatzen dituzte: Parisen, argalagoak, eta Milanen, gihartsuagoak. Zer sentitzen duzu pasarela gainean zaudela? Lehen aldia oso gogorra izan zen; oso urduri nengoen. Orain hobeto daramadan arren, urduritasuna ez da guztiz joaten, bihotzetik gorputz guztira zabaltzen den indarra sumatzen duzu. Erdi paralizaturik gelditzen zara. Arnasa fuerte hartu, eta aurrera egiten duzu. Ez duzu ezer ikusten; fokuek itsutzen zaituzte. Kontatu izan duzunez, zuk ez duzu dietarik egiten. Hala ere, beti pentsatzen da modaren munduko jendeak ez duela harreman oso osasungarririk janariarekin. Hainbesterako da? Orain glutenik gabe jan behar dut, baina medikuak gomendatuta. Denetarik ikusi dut, baina egia da modeloek, oro har, asko zaintzen dutela beren burua. Harrigarri egin zaidana zera da, asko begetarianoak direla; neskak, batez ere. Nesken eta mutilen artean ezberdintasunak nabari izan ditut janariari dagokionez; neskekin zorrotzago jokatzen dutela esango nuke. Behin bakarrik entzun dut janariarekin eta pisuarekin lotutako komentario itsusi bat. Bartzelonan izan zen. Agenteak neska bati “ipurdi hori gizendu egin da” esan zion. Hala ere, bestelakoak ere ikusi izan ditut. Modelo batek poltsan harriak sartu behar izan zituen pisura iristeko, gutxieneko bat eskatzen baita. Elikadura zaintzeaz gain, kirola egin behar duzue, ezta? Frisbeean jokatzea gustatzen zait. Disc golfean hasi nahi nuke, Bilbon taldea baitago. Golfa bezalakoa da, baina frisbeearekin. Futbolean hasiko naiz berriz aurten. Pesak ere egiten ditut, baina ezin dut askorik egin, bakoitzak bere fisikoa baitu, eta ni argala naiz; beraz, ezin naiz gihartsu jarri. Txikitatik gustatu zaizu moda? Niri arropa erosoa gustatu zait betidanik; txandala janzten dut normalean. Surf estiloa ere gustuko dut, baina Gucci eta halakoak gehiegi dira niretzat. Halere, txikitatik gustatu zaizkit arropak. Beti amestu dut lanetik ondo jantzita irtetea, egunkaria irakurriz eta kafe bat hartzen. Elegantzia aldetik bai, baina pasarelen edo diseinatzaileen inguruan ez dut inoiz interes berezirik izan. Ni ekintzailea naiz, eta bi proiektu ditut aurrera begira garatzeko asmoz. Modan sartu nintzen dirua lortu eta bi proiektu horietan inbertitu ahal izateko. Gainera, oso merkatu ona da kontaktuak egiteko, modan diru asko baitago. Modarekin zerikusirik dute bi proiektuek? Ez. Nik beti gustuko izan dut ostalaritzaren mundua, eta adimen artifiziala eta halako teknologia berriak eta ostalaritza klasikoa uztartu nahiko nituzke. Nola egiten dute lan diseinatzaileek? Bakoitzak bere estiloa du. Behin, Off-White markarekin maniki lanak egin nituen pare bat astez. Diseinatzaileek nire gainean egiten zuten arropa unean bertan, eta orratzen puntadak ere bai. Argi ikusi nuen nolakoa den haien lana; gutxienez, marka horretan. Hiru diseinatzaile dituzte, eta hirurak ados egon arte ez dute aurrera egiten. Politikan bezala: adostasun batera heldu arte, burua apurtzen dute, ideia berriak eman eta besteekin negoziatzen.
2023-9-11
https://www.berria.eus/albisteak/232578/ekaitza-etorri-da-olatuen-bidetik.htm
Gizartea
Ekaitza etorri da olatuen bidetik
Basque Culinary Centerren proiektu berria hartuko duen eraikina Groseko auzoan eraikiko dute. Herritarren haserrea piztu du egitasmoak; auzoko eremu berde bakarrean eraikitzekoak direlako, besteak beste.
Ekaitza etorri da olatuen bidetik. Basque Culinary Centerren proiektu berria hartuko duen eraikina Groseko auzoan eraikiko dute. Herritarren haserrea piztu du egitasmoak; auzoko eremu berde bakarrean eraikitzekoak direlako, besteak beste.
Gastronomiarekiko grina eta talentua, ikerketa, berrikuntza eta ekimena batzen dituen proiektua. Nazioartean talentua berritzeko eta erakartzeko ekosistema bat; eragile global nagusiek esku hartzeko aukera izango duten diziplina anitzeko proposamena”. Horrela aurkezten du Basque Culinary Centerrek bere webgunean Donostiako Gros auzoan egin asmo duen Gastronomy Open Ecosystem proiektu berria. Zehazki, proiektuaren espazio nagusia izango den Olatuen Bidea eraikina Groseko Okendo kultur etxearen eta Zubiri Manteo ikastetxearen arteko lursailean egitea aurreikusi dute. Auzokoek, ordea, kezkaz begiratzen diote egitasmoari. “Eraikina egiteak eremu berde hori galtzea ekarriko du. Grosek eta Uliak eremu berde hori baino ez daukate. Uliako Mintegietako parkeak eta Manteoko berdegunearekin, justu-justu betetzen dute legeak ezartzen duen gutxieneko eremu berdeen kopurua. Beraz, hori ere desagerrarazten badute, ez dira gutxieneko horiek beteko”. Felix Soto Uliako Auzo Elkarteko lehendakariaren hitzak dira. Proiektua aurkeztu zutenetik, protesta ugari antolatu ditu auzo elkarteak, eta hura atzera botatzeko sinadura bilketak ere jarri ditu martxan. “8.000 pertsonak sinatu dute guztira proiektuaren aurka, baina ez digute kasurik egiten”, azaldu du Sotok. Horrez gain, udala “arbolizidio bat” egiten dabilela salatu du: “6.000 arbola kendu dituzte Marrutxipin, eta orain, proiektu honekin, beste berrehun inguru kenduko dituzte”. Hala ere, BCCk webgunean ziurtatu du zuhaitz horiek “birkokatu” egingo dituztela, “ahalik eta inpaktu txikiena” eragiteko. Jonander Agirre arkitektoa ere bat dator Sotorekin: “Agerikoa da auzoak eremu berde bat galduko duela, auzo osoak duen bakarrenetarikoa. Beste bi espazio publiko esanguratsuak Txofre eta Katalunia plazako parkingen gaineko espazioak dira, eta zuhaitz eta landare gutxi dute”. Gros auzoan dauka bulegoa Agirrek, eta ondo ezagutzen du auzoa nola dagoen. Hala ere, BCCk bere webgunean emandako azalpenetan ukatu egiten du eraikina eraikitzeak eremu berde bat galtzea ekarriko duela, eta adierazi du proiektua “jasangarria” dela, proiektuaren aztarna ekologikoa “praktikan, orain dagoen berbera” izango dela ziurtatzearekin batera. 9.200 metroko lursail bat hartuko du eraikinak, eta bederatzi solairu izango ditu, horietatik lau lur azpian. Aurreikusia zeukaten eraikitze lanak aurtengo martxoan hasiko zituztela eta 2024. urtearen amaieran bukatu. Atzerapenarekin hasiko dira, ordea. Basque Culinary Centerrek proiektuaren diseinua adjudikatzeko lehiaketa egin ondoren, Danimarkako Bjarke Ingels Group arkitektura estudioari egokitu zaio proiektuaren gidaritza hartzea. Aurrekontua 26 milioi euro ingurukoa izango da. Horietatik, Eusko Jaurlaritzak 18 milioi euro jarriko ditu. Gipuzkoako Foru Aldundiak 6 milioi euro eta BCC erakundeak 2 milioi euro. Donostiako Udalak adierazi du ez duela dirurik jarriko, eta, horren ordez, lursaila doan emango diola BCCri. “Udalak dio lursaila bakarrik eman duela, eta ez duela dirurik jarri. Baina gure kalkuluen arabera, partzela horrek 60 milioi euro balio du —batez ere, kokapenagatik—, proiektuak berak baino gehiago”, adierazi du Sotok. Lursaila, polemika iturri Lursaila Ongintz Uri Batzarrak erosi zuen joan den mendearen lehen erdian, Sotoren esanetan, “baina erakunde horrek ezin duenez jabetza hori bere izenean erregistratu, udalaren jabetza balitz bezala ageri da”. Lursail horretan Gipuzkoako Probintzia Ospitalea egin zuten gero, eta han izan zen 1950eko hamarkadan Zorroagara aldatu zuten arte. Donostiako Udaleko zinegotzi eta Hirigintza Sailaren arduradun izan zen 1980ko hamarkadan Soto, eta azaldu du garai hartan parkea egiten hasi zirela, baina gaur egun ere ez dutela lortu hura guztiz osatzea: “Ezin izan genuen bukatu. Ordutik, beti aritu izan gara borrokan, udalak ez duelako zuhaitz berririk jarri nahi edo parke moduan bukatu nahi. Eta, orain, BCCren proiektua aurkeztu dute”. Agirreren iritziz, eraikina egiteko espazioa antolatzeko orduan ez dira aintzat hartu “irizpide arkitektonikoak edo hirigintzakoak”: “Ez dut uste eraikin hori egiteko lekurik egokiena denik, auzoaren interesa kontuan hartzen bada, behintzat, edo hiriaren interesa. Erabakia beste pauso bat da hiriaren espektakularizazio eta gentrifikazio prozesuan. Horrela uler daiteke arkitekto horiek aukeratu izana, eztabaida falta eta prozesu guztiari eman dioten abiadura”. “Negozio” salaketa “Hor dagoen negozioa zera da: hondartzatik 150 metrora dagoela”, gehitu du Sotok. Agirre bat dator: “Hiria errentak jasotzeko soro baten gisa ulertzen duen ereduari erantzuten dio proiektu honek. BCC soro horrentzako ongarria baino ez da. Hirigintza zein arkitektura aldetik, 2008ko krisiaren aurretiko eredura bueltatu gara”. Okendo Alden udalak sustatu duen hirigintza plan bereziaren barruan sartzen da BCCren proiektua ere. Sotoren arabera, plan berezi hori onartu du udalak lursaila BCCri lagatzeko, eta plana ez dute udalbatzarrera eraman: “Tokiko Gobernu Batzarretik pasatu da, udalbatzarretik pasatu gabe. Batzar horretan alkatea eta zazpi zinegotzi soilik daudenez, oposiziorik gabe, errazagoa izan da hura onartzea, eta, legezkoa denez, hori baliatu dute”. Agirrek, berriz, kritika egin dio Donostiako hirigintza plan orokorrari ere. Izan ere, uste du “gutxi” hitz egin dela hauteskunde kanpainan hura idazteko prozesuaren inguruan, eta, besteak beste, baimendu egin du BCCn lurrazpiko lau sotoak eraikitzea: “Planteatu beharko genuke nola den zilegi horrelako proiektuak onartzea klima krisia agerian dagoen garai honetan”. “Eraikina eraikitzen badute, jende asko haren aurka egongo da”, gehitu du Sotok. Hain zuzen, Uliako Auzo Elkarteak helegitea aurkeztu du EAEko Auzitegi Nagusian: “Tramitazio prozesuan dago, eta auzitegiak udalari espedientea eskatu zion. Orain onartu dute espediente hori bidaltzea, azkenean”. Udaleko oposizioko taldeak ere proiektuaren aurka agertu dira; besteak beste, Elkarrekin Donostiaren udal bozeramaile Victor Lasak Basque Culinary Centerren proiektu berria Manteon kokatzeko erreferenduma egitea proposatu zuen uztailean. Eneko Goia alkateak baztertu egin zuen kontsulta bat egitea, eta argudiatu zuen orain arte ez dela erreferendumik egin antzeko kasuetan; Miramongo BCCren eraikina eraikitzerakoan, esaterako. EH Bilduk ere hainbat aldiz eskatu dio udalari elkarteak aurkeztutako helegitea kontuan hartzeko. Alternatibei begira Sotok azaldu duenez, Goia alkatearekin ere bildu ziren auzo elkarteko kideak. Goiak azaldu zien “isiltasun administratiboa” izango dela udalaren erantzuna. Arartekoak ere hainbat aldiz ohartarazi du udala, auzokideen kexei ez diela erantzun egotzita. “Helegiteari, adibidez, ez diote erantzun. Berez, bi hilabeteko epean erantzun behar dute, eta Arartekoak, azken urtebetean, hiru aldiz eskatu dio erantzun bat emateko, eta hari ere ez dio kasurik egin”, esan du Sotok. Proiektu berria hauspotzea erabaki ordez, udalak bestelako behar batzuk bete beharko lituzkeela uste du Agirrek: “Harrigarria da horrelako proiektu batean jartzen den enfasia; batez ere, ikusita Groseko kiroldegia, anbulatorioa, eskolak eta beste ekipamendu asko egoera tamalgarrian daudela. Auzoak momentu honetan auzokoentzat diren zerbitzuak hobetzea behar du”. Hain zuzen, udalak Gastronomy Open Ecosystem eraiki nahi duen lekuan “proiektu ederrak” egin daitezkeela iritzi dio Agirrek: “Berdegune bat egitea sustatu daiteke, Uliara iristeko atari moduko bat, Nafarroako Etorbidea lasaituko duena; eta eremu berde hori ia Txofreraino ekarri”. Sotok ere esan du Uliako Auzo Elkarteak bestelako alternatibak eskaini dizkiola udalari: “Gazteentzako zein nagusientzako ekipamenduak jartzea orain aparkalekuak dauden tokian, eta eremu berdeak bere horretan uztea, edo gehiago handitzea”.
2023-9-8
https://www.berria.eus/albisteak/232580/ane-garcia-lopez.htm
Ane Garcia Lopez
Ane Garcia Lopez.
Itzultzailea, idazlea eta musikaria da. Bi liburu euskaratu ditu: Raewyn Connellen Maskulinitateak (Jakin, Elkar, 2022) eta June Jordanen antologia Munduko Poesia Kaierak bilduman (Susa, 2020). Spoken word egiten du Eider Perezekin, Mejillon Tigren. Bere testuak idatzi ditu Lekore aldizkarian eta Liberoamerikaren antologietan —literatur lanak amonen abizenekin sinatzen ditu: Zubeldia Magriña—. Lurra taldean aritu zen; hiru disko atera zituzten.
2023-9-8
https://www.berria.eus/albisteak/232581/jabier-muguruza-ugarte.htm
Jabier Muguruza Ugarte
Jabier Muguruza Ugarte.
Musikaria eta idazlea da. Akordeoilari aritu zen umetatik, eta abeslari askorekin jo zuen. Les Mecaniciens eta Joxe Ripiau taldeetako kidea izan zen, 1990eko urteetan. Ordutik, kantautore ibilbide emankorra egin du: hogeitik gora disko argitaratu ditu. Bere musikak harrera beroa izan du bereziki Katalunian. Azken urteetan, haurrentzako musikan dabil buru-belarri. Helduentzako hiru narrazio liburu idatzi ditu, baita haur literaturako lan batzuk ere.
2023-9-11
https://www.berria.eus/albisteak/232582/elduaien-hizkuntzen-bidez-bizitako-abentura.htm
albisteak
Elduaien, hizkuntzen bidez bizitako abentura
Elduaien Hizkuntza Eskola bost hamarkada baino gehiagoz ari da ikasleak trebatzeko lanean. Bide horretan, berariaz prestatutako materialaz gain, bestelako zerbitzuak ere eskaintzen ditu.
Elduaien, hizkuntzen bidez bizitako abentura. Elduaien Hizkuntza Eskola bost hamarkada baino gehiagoz ari da ikasleak trebatzeko lanean. Bide horretan, berariaz prestatutako materialaz gain, bestelako zerbitzuak ere eskaintzen ditu.
Bizi dezagun batera ikaskuntzaren abentura. Hitz horiek osatzen dute Elduaien Hizkuntza Eskolaren leloa, eta hortik eratorritako jarreran oinarritzen da ikasketa erakundearen jarduna. Elduaien munduratzeko ate bat da, eta hizkuntzak dira horretarako tresna. Orain baino lehen egin zuten horretarako urratsa; Elduaien Hizkuntza Eskola 1973an sortu zuten Tolosan (Gipuzkoa), eta orduz geroztik, hainbat egoitza zabaldu dituzte Gipuzkoa osoan zehar, hizkuntzen ezagutzarako erreferente bat bilakatuz. Hizkuntzek egungo gizartean duten garrantziaren jakitun dira Elduaienen, eta horren sakontzea izan da sorreratik orain arterako xedea: «Guretzat garrantzitsua da jendea prestatzea, eta horregatik uste dugu hizkuntzak ere hala direla. Bai lanerako, bai ikasteko edo baita bidaietan komunikatzeko ere. Azken finean, hori da hizkuntza baten xedea, pertsonekin komunikatzea», adierazi dute Elduaiengo arduradunek. Bide horretan lan egiteko, Elduaien hizkuntza eskolak 11 akademia ditu Gipuzkoan zehar banatuta —hiruna Donostian eta Tolosan, eta bana Villabonan, Lasarten, Irunen, Beasainen eta Andoainen— eta zerbitzu ezberdinak eskaintzen ditu. Joan zen irailaren 1ean hasi zuten kurtso berria, ohiko eskaintzarekin: «Hizkuntza asko ditugu; euskara, italiera, frantsesa, alemaniera… Jendea Asiara joaten ari da, eta txinera, korearra edo japoniera ere eskaintzen dugu». Arduradunen esanetan, ordea, ingelesa da egun ere «eskaera handiena duen hizkuntza». Hain justu ere, ingelesaren aldeko hautu horrek bide berriak jorratzera eraman du Elduaien Hizkuntza Eskola. Esaterako, Cambridge Partnership egitasmoa abiatu du Cambridge University Press &Assessment erakundearen abaroan. Hura da ingelesezko ziurtagiri nagusiak ematen dituen erakunde bat: «Guk Cambridgeko azterketa ofizialak egiten ditugu maila guztietan, eta jendea prestatzen dugu haietarako. Beste azterketa ofizial batzuk ere baditugu, baina Cambridgekoak dira ezagunenak, jendeak gehien eskatzen dituenak». Hori dela eta, Elduaien Hizkuntza Eskolak Cambridge Partnership proiektuari lotuta dago, eta horrek zenbait onura eragiten ditu eragile guztien artean: «Irakasleak hobeto trebatzea eragin du, esaterako. Lehendik dugun zerbitzua osoago izatea ahalbidetzen du. Gainera, partnership-ari esker ikasleak ere hobeto prestatuko ditugu; metodologia pixka bat aldatuko da, nahiz eta lehendik ere ona izan». Cambridge Partnership egitasmoa da ikasketa prozesua guztia barnebiltzen duen zehar-lerroa. Elduaien Hizkuntza Eskolaren eta Cambridge English erakundearen arteko elkarlanak ahalbidetutako proiektu integralak ardazten du, eta besteren artean, ingelesezko hizkuntza gaitasunez jabetzea bermatzen dio erabiltzeari, hizkuntza horretako ziurtagiri ofizialetarako bidea zabalduz. Halaber, irakasleei formakuntza linguistiko nahiz metodologikorako ate bat zabaltzen die, gero ikasleen artean baliatuko dituen materialarekin bat. Horiek horrela, «denak irabazle» izaten dira gisa horretako proiektuekin, Elduaiengo iturriek azaldu dutenez: «Azterketa bat gainditu nahi duenak, azterketa hori gainditzeko lanabesak izango ditu Elduaienen». Izan ere, hizkuntza azterketa ofizial bat gainditzeko ez da nahikoa mintzaira jakitea. Elduaiengo ordezkarien arabera, «azterketa bakoitzak bere metodologia eta eredua ditu. Hizkuntza jakin arren, ez bada ondo prestatzen, ez duzu ondo egingo. Ingelesekoetan, adibidez, bost atal izaten dituzte: hitz egitea, irakurtzea, idaztea, entzutea eta gramatika. Bost atal horiek daude azterketa batean, eta txikitatik saiatzen gara metodologian sakontzen». Era guztietako jarduerak Mende erdi baino gehiagoko bilakaerak Gipuzkoan erreferente izatera eraman du Elduaien Hizkuntza Eskola, eta horren erakusgarri da lurraldearen luze-zabalean kokatuta dituen 11 akademiak. Arduradunen esanetan, Tolosan eta Donostian dituzte gehien, eta «handienak» ere han daude kokatuta: «Azken batean, Gipuzkoa osoan ondo kokatuta gaude. Behar duenak gertu dauka Elduaienen zentro bat. Horrez gain, telefonoz nahiz sareen bitartez ere gertu egoten saiatzen gara». Lehen begiratuan, hizkuntza eskola bat jardun akademikoarekin lotzen bada ere, Elduaienen kasuan harago doa bere egitekoa. Mota ezberdinetako zerbitzuak eskaintzen dituen erakundea da, zenbait moldetan ari dena: «Ez gara ingelesezko klaseetara mugatzen. Beste hizkuntza batzuk ere baditugu, eta horrez gain, eskola batzuekin hitzarmenak ditugu, han eskolak emateko, eta baita zenbait enpresatan ere. Haiek prestatzea ere bada gure egitekoa. Itzulpen zerbitzu batzuk ere egiten ditugu. Denborarekin, hori guztia egiten jarraituko dugu». Enpresen kasuan merkatu berriak zabaltzeko gako izan daiteke hizkuntza, eta xede horretan laguntzea izan ohi da Elduaiengo irakasleen egitekoa.
2023-9-9
https://www.berria.eus/albisteak/232584/uztaren-esperoan-indarrez-da-txakolina.htm
Ekonomia
Uztaren esperoan, indarrez da txakolina
Mahats bilketa hastear dute Getariako Txakolina sor-markako upategi gehienek. Akarregi Txiki txakolindegian uzta ondo joatea espero dute.
Uztaren esperoan, indarrez da txakolina. Mahats bilketa hastear dute Getariako Txakolina sor-markako upategi gehienek. Akarregi Txiki txakolindegian uzta ondo joatea espero dute.
Hainbat hilabetetako heltze prozesuaren ostean, mahatsa jasotzeko garaia gerturatzen ari zaie txakolindegi askori. Irailaren erdialdean hasi ohi dira uzta biltzen, eta aurten ez da oso ezberdin izango. Getariako Akarregi Txiki upategian datorren astean hasiko dira mahatsa biltzen, beltza lehenengo eta zuria gero. Aurtengo sasoian arazoak izan badituzte ere, uzta ona datorrela uste du Iker Eizmendi upategiko bazkideetako batek. «Konplikatua izan da aurtengo uzta, baina azken asteetan hobera egin du, eta gustura gaude. Uste dut lehengo urtean adina mahats ez dugula izango, baina kantitate dezentea izango da», dio Eizmendik. Hondarrabi beltza biltzen hasiko dira lehenbizi, irailaren 18an edo 20an, eta, hori amaitzean, astebeteren buruan-edo, Eizmendiren aurreikuspenen arabera, hondarrabi zuria biltzeari ekingo diote, dena biltzen amaitu arte. Uztarako baldintzak Uzta on batek sekretu gutxi dituela iritzi du Lander Garrastazuk, upategiko beste bazkideetako batek, baina gertatzea zaila dela ere badaki: «Eguzkia eta euria behar dira, baina bietatik gehiegi ere ez da ona. Hezetasun handiarekin, adibidez, neguan, sufrea oraindik bota ez duzunean, gaitz asko hartzen dituzte mahastiek, Getarian mildiua batez ere. Eta oraingoa bezalako giro bero heze honekin, non aleek azukre asko duten eta nahiko helduta dauden, usteltzeko joera izaten du mahatsak». Beraz, Garrastazurentzat, egoerarik «onena» egunez lehorra egotea eta gauez «euri pixka bat» egitea da. Aurreko urteko mahats bilketa izan zen horren adibide, eta zaila ikusten dute maila hori gainditzea, nahiz eta aurtengoa gertu ibiliko dela aurreikusi duten. Iazko urtea «oso lehor» joan zen, Garrastazuren hitzetan, baina bildu baino hilabete lehenago euria egin zuen, eta mahats-mordoak gizendu: «Kristoren mahats urtea izan zen». Nekazaritzan ia ezinezkoa da, batetik, arazorik gabeko urtea izatea, eta, bestetik, zer egon daitezkeen arazoak aurreikustea; eta hori garbi du Garrastazuk. Aurtengo denboraldia hasieratik «oso konplikatua» izan da: «Goizez eguzkia egiten zuen, eta arratsaldean lainobera sartzen zen. Getariako behe aldean nahiko ondo joan da, baina, zenbat eta gorago joan, orduan eta okerrago izan da». Gaitzak ere eragin die, mildiua izan baitute mahastiek, eta, Eizmendiren hitzetan, «ohi baino goizago» sartu da aurten, fumigatu aurretik. Hala ere, hobera egin du egoerak udaberrian eta udan, eta arazorik gabeko uzta izango dela uste dute. Aurten izaten ari diren beste arazoetako bat langile falta da. Normalean, 45 edo 50 sasoikako langile inguru hartzen dituzte irailean, mahats bilketarako, baina azken urteetan lanerako jendea topatzeko arazoak dituztela adierazi du, etsipenez, Garrastazuk: «Oso zaila da jendea topatzea. Oraingo jendeak ez du lanik egin nahi, edo ez dakit... segituan trabak jartzen dituzte». Txakolinak badu merkatua Getariako Txakolinaren salmentak goraka doaz. Hala laburtu dute merkatuaren bilakaera Eizmendik eta Garrastazuk. Pandemia izan zen inflexio puntua: «Garai zaila izan zen, baina kanpoko salmentak salbatu zuen. Hemen, tabernak eta bestelakoak itxita zeudenez, ez zen asko saldu, baina kanpoan, bai. Horrek salbatu zuen gehienbat», azaldu du Garrastazuk. Ordutik, esportazioen joera mantendu, eta, are gehiago, «handitu» egin da, Garrastazuren hitzetan. «Uste dut jendeak oraindik baduela txakolina edateko joera. Bodega gero eta gehiago gaude, eta litroak ere gehiago egiten dira, eta egindako horiek saltzen dira», azaldu du Eizmendik. Nahiz eta joera hori goranzkoa izan, Akarregi Txikin goia jo dutela adierazi du Garrastazuk: «Goia jo dugu, eta, oraingoz, ez dugu gehiago landatzeko asmorik. Guk hamazazpi hektarea hauek ondo mantendu nahi ditugu: mahatsaren kalitatea ondo begiratu, ondo saldu eta gure bezeroak zaindu».
2023-9-8
https://www.berria.eus/albisteak/232585/lehenbiziko-aldiz-dantzatu-dira-emakumeak-muskildako-andre-mariaren-baselizan.htm
Bizigiro
Lehenbiziko aldiz dantzatu dira emakumeak Muskildako Andre Mariaren baselizan
Otsagabiko jai nagusia ospatu dute gaur. Ospakizuneko zortzi dantzarietatik bi emakumeak izan dira.
Lehenbiziko aldiz dantzatu dira emakumeak Muskildako Andre Mariaren baselizan. Otsagabiko jai nagusia ospatu dute gaur. Ospakizuneko zortzi dantzarietatik bi emakumeak izan dira.
Otsagabiko (Nafarroa) jai nagusia ospatu dute gaur, Muskildako Ama Birjinaren ohorez. Aurten, bereziki, otsagabiarrek bazuten zer ospatu, lehenbiziko aldiz dantzatu baitira emakumeak Muskildako Andre Mariaren baselizan. Zortzi dantzarietatik bi emakumeak izan dira. Prozesio eta erlijio jatorria duen dantza sorta da gaur Otsagabian dantzatu dutena. Dantza multzoa osatzen dute lau makil dantzak, zapi dantza batek eta orripekoak. Joan-etorrietarako, berriz, biribilketa dantzatzen dute. Euskal Herriko dantzarik zaharrenetariko bat da, horko zortzi dantzarien agerraldiari erreferentzia egiten dion lehenbiziko dokumentu idatzia 1695. urtekoa baita.
2023-9-8
https://www.berria.eus/albisteak/232586/auto-elektrikoentzako-moves-programak-29-milioi-eman-ditu.htm
Ekonomia
Auto elektrikoentzako Moves programak 29 milioi eman ditu
8.126 eskaera jaso ditu EEE Energiaren Euskal Erakundeak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Laguntzak eskatzeko epea zabalik da aurtengo abendura arte
Auto elektrikoentzako Moves programak 29 milioi eman ditu. 8.126 eskaera jaso ditu EEE Energiaren Euskal Erakundeak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Laguntzak eskatzeko epea zabalik da aurtengo abendura arte
2021. urteko irailean zabaldu zen Moves III programa, motor elektrikoko ibilgailuen erosketa laguntzeko eta bultzatzeko, eta aurtengo abendura arte dago zabalik. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan EEE Energiaren Euskal Erakundeak kudeatzen ditu eskaerak, eta dagoeneko 8.126 eskaera jaso ditu eta horien %93 ebatzi dira. Ibilgailuetan, entxufa daitezkeen auto elektrikoen erosketa eta erregai pilakoena laguntzen ditu Moves IIIak. Orain artean, EEEk ibilgailuetarako 4.566 laguntza eskaera jaso ditu, eta guztira 16,3 milioi euroren kopuruak eman. Kargatze puntuen ezarpenera joan dira beste diruak, 3.560 eskaera izan dira, eta 12,6 milioi banatu. Eskatzaileak jaso dezakeen laguntza aldatu egiten da partikularren edo enpresen kasuan, eta txatar bihurtzea nahitaezkoa ez den arren, laguntza handiagoa jasotzen du. Adibidez, partikular edo autonomo batek 4.500 euroko ko laguntza jaso ahal izango du ibilgailu elektriko bat erosteagatik, eta 7.000 €-raino handituko da ibilgailu zaharra txatarrerako erabiltzen badu. Enpresek laguntza desberdinak dituzte tamainaren arabera, eta txatar bihurtuz gero ere handituko da. Gainera, 5.000 biztanletik beherako udalerrietan bizi diren edo mugikortasun murriztua duten pertsonentzat ezarritako zenbatekoen %10 gehitzea (hau da, 7.700 euroraino) aurreikusten du MOVES III-k. Laguntza jaso dezaketen ibilgailuak ibilgailu elektriko entxufagarrien eta erregai-pilen kategorietakoak dira. Horien artean, autoak (M1), furgoneta arinak (N1), kuadriziklo arinak (L6e) eta ibilgailu astunak (L7e), eta 3 kW-eko edo hortik gorako potentzia duten motor elektrikoak. Bederatzi hilabete arteko antzinatasuna duten frogatzeko ibilgailu elektrikoak ere diruz laguntzen dira.
2023-9-8
https://www.berria.eus/albisteak/232587/nafarroako-gobernua-osatzeko-akordioa-gaitzesi-du-elak.htm
Politika
Nafarroako Gobernua osatzeko akordioa gaitzesi du ELAk
Botere ekonomikoen pribilegioei eusten diela eta euskararen arloan atzerapausoa dakarrela adierazi du sindikatuak.
Nafarroako Gobernua osatzeko akordioa gaitzesi du ELAk. Botere ekonomikoen pribilegioei eusten diela eta euskararen arloan atzerapausoa dakarrela adierazi du sindikatuak.
Nafarroako Gobernua osatzeko akordio programatikoak «botere ekonomikoen pribilegioei eusten» diela eta euskararen alorrean «atzerapausoa» dakarrela salatu du ELA sindikatuak. PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak sinatu zuten akordioa joan den uztailean eta, jada, osatu dute gobernua. ELAk uste du akordio berriak, orokorrean, «jarraipena» ematen diela orain arteko politikei; eta euskarari dagokionez egindako aldaketa «atzerapausoa» dela. Akordioaren edukia «zehaztasunik gabea» dela adierazi dute. Bertan jasotzen diren konpromisoetako batzuk «azterlanak, planak edo analisiak egitera» mugatzen dira. Horregatik, ELAren arabera, ez dute «inolako hobekuntzarik» eragingo. Horregatik, sindikatuak dio parte hartu duten alderdi politikoen lehentasuna kontseilaritzen banaketa izan dela eta akordioaren beraren edukia «bigarren mailan» geratu dela. Euskarari dagokionez, 2019ko akordioak hamaika puntu jasotzen zituela jakinarazi dute; aurtengoak, aldiz, zortzi. Gainera, «desagertu» den puntuetako bat Euskararen II.Plan Estrategikoa egiteko konpromisoa izan da. Eta hori «ulertezina» da ELAren ustez. Gainera, akordioak 1986ko Euskararen Legea babesten duela ere gaitzetsi du sindikatuak, horrek «zonifikazioarekin ez dela amaituko suposatzen» baitu. Ingurumen arloko konpromisoak «zehaztasunik gabeak» direla aipatu dute eta gehitu dute «ez dela koherentea» klima aldaketaren aurkako ekintzez hitz egiten duten bitartean, «AHTa edo Erdizko meategia bezalako proiektuen aldeko apustua egitea». Genero ikuspegitik ere konpromiso zehatzik ez duela biltzen adierazi dute: «ez du zalantzan jartzen egungo zaintza sistema» eta «ez du jasotzen Nafarroako egoitzen lehen hitzarmena». Akordioak dio zenbait alorretan, besteak beste, etxebizitzan edo hezkuntzan aurrekontua handitu behar dela. ELAren arabera, konpromiso horiek «ez dira sinesgarriak». Aurreko akordioan ere antzeko konpromisoak ageri zirela azaldu dute, eta sindikatuaren hitzetan, «ez dira bete». Gizarte politiketara diru gehiago bideratu behar dela dio sindikatuak, baina uste dute adierazpen horiek «propagandatik gehiago dutela konpromiso erreal batetik baino». Bestalde, akordioak autogobernua gauzatzeari «uko» egiten diola aipatu dute. «Interes ekonomikoak lehenetsita» Autogobernuari erreferentzia egiten dion puntu «bakanetako» bat fiskalitatearen atala dela adierazi dute; «enpresen pribilegio fiskalak zabaltzeko helburuarekin». Izan ere, ELArentzat, akordioaren abiapuntua da «botere ekonomikoen eta patronalen interesak zalantzan ez jartzea». Horrez gain, inflazioak eta interes tasen garestitzeak gizarteari eragindako «pobretze orokorrari» aurre egiteko premiak «alde batera utzi» dituztela dio sindikatuak. Gainera, kritikatu dute Nafarroako Elkarrizketa Sozialerako Kontseilua sustatzen jarraituko duela gobernuak: «Porrot egin duen eredu bat sustatzen jarraitzea da». Errealitatean, langileen lan baldintzak ez direla horrelako mahaietan konpontzen uste du ELAk. Gainera, gaitzetsi dute akordioan ez dela aipamenik egiten «Nafarroako Lan Auzitegiaren birfundazioari buruz, ezta zor publikoaren auditoretzaren edota banku publiko baten sorreraren inguruan ere.
2023-9-8
https://www.berria.eus/albisteak/232588/vingegaardek-irabazi-du-tourmaleten-eta-jumbok-erakustaldia-eman-du.htm
Kirola
Vingegaardek irabazi du Tourmaleten, eta Jumbok erakustaldia eman du
Danimarkarrak irabazi du Espainiako Vueltako hamahirugarren etapa. Bi taldekide izan ditu atzetik: Kuss eta Roglic. Kussek lidergoari eusten dio, Roglicen eta Vingegaarden aurretik. Landa zazpigarren da. Evenepoelek, aldiz, 27 minutu baino gehiago galdu ditu gaur, eta lehiatik kanpo geratu da.
Vingegaardek irabazi du Tourmaleten, eta Jumbok erakustaldia eman du. Danimarkarrak irabazi du Espainiako Vueltako hamahirugarren etapa. Bi taldekide izan ditu atzetik: Kuss eta Roglic. Kussek lidergoari eusten dio, Roglicen eta Vingegaarden aurretik. Landa zazpigarren da. Evenepoelek, aldiz, 27 minutu baino gehiago galdu ditu gaur, eta lehiatik kanpo geratu da.
Jumbo taldeko txirrindularien nagusitasuna oso nabarmena izaten ari da Espainiako Vuelta honetan, eta gaur argi geratu da hori etapa nagusian. Hankapean erabili dituzte gainontzekoak, eta etapan ez ezik, sailkapen nagusian ere lehen hiru postuetan daude Sepp Kus, Jonas Vingegaard eta Primoz Roglic. Ez dute aurkaririk Etapa motza izanik, argi zegoen ihesaldia sortzea zaila izango zela. Aubisquen gora ihesaldi saiakerek ez dute etenik izan, eta horrek oso bizi igotzea ekarri du. Jumboko liztorrek eztena atera, eta erritmo itogarria ezarri dute. Bi ziztada eman dituzte: bat Joao Almeidari (UAE) eta bestea, handiena, Remco Evenepoeli (Soudali). Biak atzean gelditu dira helmugarako 90 kilometroren faltan. Flandriarrak bere aurkariak baino minutu eta hogei segundo gehiago behar izan ditu mailaz kanpoko mendatea igotzeko. Aubisque jaisten, Mikel Landak eta Damiano Carusok (Bahrain) metro batzuk hartu dituzte Vingegaard eta Kuss liderrarekin batera. UAEk, baina, ez die alde egiten utzi, eta Spandelles igotzen hasi bezain pronto harrapatu ditu. Une horretan hartu du berriro Jumbok aginte-makila, eta Robert Gesinkek onenen multzoa Tourmaleten magaleraino eraman zu. Tourmaletek bakoitza bere tokian jartzen du. Nekeak aurrean zihoazen ziklista guztiei erasan die, eta pixkana-pixkana, atzean gelditzen joan dira. Vingegaardek zortzi kilometroren faltan bi eraso jo ditu segidan, eta bakarrik geratu da. Atzean, Kuss bikain aritu da zaintza lanetan. Jumbok dena kontrolpean zuen. Azkenean, Vingegaard nagusitu da. Bigarren Kuss izan da, eta Roglic hirugarren.E statubatuarrak jarraitzen du lider, eta bi taldekide ditu justu atzetik: Roglic eta Vingegaard. Landak egun ona izan du, eta zazpigarren izan da; postu berean dago nagusian. Evenepoelek, aldiz, 27 minutu baino gehiago galdu ditu, eta lehiatik kanpo gelditu da. Asteburuan, Euskal Herrian Vuelta Euskal Herritik igaroko da gaur eta bihar. Gaur, Salbaterra Bearnotik aterako dira txirrindulariak. Euskal Herrian sartuko dira Zuberoatik, eta Nafarroan amaituko dute jarduna, Larra Belaguan.Igotzaileentzat etapa aproposa da, hiru mendate gogor igo beharko baitituzte: maila bereziko Hourcere eta Larraine, Hirugarren Mailako Laza, eta amaitzeko, Lehen Mailako Belagua.
2023-9-10
https://www.berria.eus/albisteak/232607/marokoar-askok-kalean-egin-dute-lo-lurrikara-batek-2000-pertsona-inguru-hil-ondoren.htm
Mundua
Marokoar askok kalean egin dute lo, lurrikara batek 2.000 pertsona inguru hil ondoren
Ostiral gauean izan zen lurrikara, 23:11n, Marrakextik 70 kilometro hegoaldera.
Marokoar askok kalean egin dute lo, lurrikara batek 2.000 pertsona inguru hil ondoren. Ostiral gauean izan zen lurrikara, 23:11n, Marrakextik 70 kilometro hegoaldera.
Richter eskalako 6,9 graduko lurrikara bat izan zen Marokon ostiral gauean, eta gutxienez 2.000 pertsona hil eta bete horrenbeste zauritu ditu. Marokoko Barne Ministerioak eman du datu horien berri, baina litekeena da datozen orduetan gehiago izatea, erreskate taldeak lanean ari baitira oraindik, eta asko dira etxe birrinduen azpian ezin atera dauden herritarrak. Jendez lepo daude ospitaleak; izan ere, «oso larri» daude zauritu gehienak, 1.400 baino gehiago. Oraindik tentsioa nabari da kalean; lurrikararen ondoren, milaka herritarrek kalean pasatu zuten gaua, gehiago egon zitezkeelakoan. Lurrikara Marrakextik 70 kilometro hegoaldera izan zen, 23:11n, Al-Hauz probintzian. Hain justu, hor izan da hildako gehien, gutxienez 542; Tarudanten, 321; Txitxauan, 103; Uarzazaten, 38; Marrakexen, 13; Azilalen, 11; Agadirren, 5; Casablancan, 3, eta Al-Yussufian, bat, atzo emaniko datuen arabera. Epizentroa Ighil udalerrian izan zen. Minutu batetik bestera, hainbat etxe eta horma behera erori ziren, eta kalteak larriak dira. Ezbeharra gertatu zenean, Marrakexen zegoen Lur Uribarren mendi gidaria. Euskadi Irratian esan duenez, hiriko plazan pasatu zuten gaua, milaka pertsonarekin batera. «Kaosa handia zen. Gau osoan aritu dira anbulantziak alde batera eta bestera, eta poliziak horiei bidea emateko zeuden». Ezbeharraren harira, gobernuak agindu du larrialdietako eta babes zibileko zerbitzu guztiak lanean has daitezela, «berehala». Nazioarteko zenbait GKE gobernuz kanpoko erakunde ere erreskate lanetan laguntzen ari dira: besteak beste, Mugarik Gabeko Suhiltzaileak. Halaber, Azpiegituren eta Uraren Ministerioak lurrikarak hautsitako errepideak itxi ditu. Zaurituei laguntzeko, berriz, gobernuak eskatu die herritarrei joan daitezela odola emateko zentroetara. Hemezortzi urtetik gorako herritarrek dute odola emateko aukera. Edonola ere, kalte handiak eragin ditu lurrikarak, eta kostako da zauria ixtea. Gaur bertan, hiru eguneko dolua iragarri du Marokoko Errege Mohamed VI.ak. Azken hamarkadetakolatzena Gertatu baino minutu gutxi lehenago iragarri zuen lurrikara Marokoko Geofisika Institutuak. Baina, ordu horretan, etxean edo jatetxeetan afaltzen zeuden herritar andana. Atzo jakinarazi zuenez, lurrikara gertatu ondoren ehunka erreplika izan ziren, baina ez ziren izan lehendabizikoa bezain handiak. Espainiako Institutuak, berriz, Marokon izan zen 4,8 graduko lurrikara baten berri eman zuen. Horrek Berrechid izan zuen erdigune, eta Espainia hegoaldean ere sumatu zen. Afrikako inguru horretan bi plaka tektonikok jotzen dute elkar, Afrikakoak eta Eurasiakoak, eta ohikoak izaten dira mugimenduak. Hildakoen eta zauritutakoen kontaketa oraindik amaitu ez bada ere, jada jakina da azken hamarkadetan Marokon izan den lurrikara latzena izan dela. Duela 60 urte pasatxo, 1960ko otsailaren 29an 5,7 graduko lurrikara batek Agadir hiria suntsitu zuen, eta 15.000 pertsona hil zituen. 2004ko otsailaren 24an, berriz, Al-Hoceiman 6,4ko lurrikara batean 628 hildako izan ziren. Mugatik gertu ere, Aljerian, izan zen ostiralekoaren antzeko ezbehar bat: 2003ko maiatzaren 21ean, 7,3 graduko lurrikara bat izan zen, eta 2.500 pertsona hil eta 300.000 zauritu zituen. Egoera bertsua dute orain Marokon, eta, agian horrexegatik, Marokoko herritarrei eskua luzatu die Aljeriako Gobernuak. Aireko espazioa berriro irekiko dutela iragarri du, Marokora giza laguntza «eta bestelakoak» bidaltzeko eta zaurituak lekualdatzeko. Edonola ere, inor gutxik esperotako keinua izan da Aljeriarena. Izan ere, azken urteotan bi herrialdeen arteko harremana ez da bereziki ona izan. Aljeriak eta Marokok harreman diplomatikoak eten zituzten duela bi urte, 2021ean. Ordutik, Aljeriak itxita mantendu du bere aireko espazioa: zibilentzat, militarentzat, eta Marokon matrikulatutako hegazkin guztientzat.
2023-9-9
https://www.berria.eus/albisteak/232608/eitbri-eskatu-diote-euskarazko-ikus-entzunezkoen-eskaintza-duina-egiteko.htm
Gizartea
EITBri eskatu diote euskarazko ikus-entzunezkoen eskaintza «duina» egiteko
Aldatu Gidoia Euskararen alde kanpaina abiatuko dute dozenaka eragilek. Euskara ardatz izango duen EITBren aldeko manifestazio batera deitu dute maiatzaren 18rako, Gasteizen.
EITBri eskatu diote euskarazko ikus-entzunezkoen eskaintza «duina» egiteko. Aldatu Gidoia Euskararen alde kanpaina abiatuko dute dozenaka eragilek. Euskara ardatz izango duen EITBren aldeko manifestazio batera deitu dute maiatzaren 18rako, Gasteizen.
Euskal Herriko hainbat eragilek «kezka» agertu dute Eusko Jaurlaritzak euskarazko kulturaren eta euskarazko ikus-entzunezkoen inguruan duen jarrerarekin. Uste dute EITBren telebista kate eta irratietan gaztelerazko edukiei lehentasuna ematen zaiela, eta, euskara, aldiz, «zokoratuta» dagoela. Hori dela eta, EITBri galdegin diote euskararen eta euskaldunen hizkuntza eskubideen alde «gidoia aldatzeko», eta euskarazko ikus-entzunezkoen eskaintza «zabal, duin, eguneratua eta erakargarria» osatzera premiatu dute. Euskal Herri osoko 31 eragilek bat egin dute eskaerarekin. Gaur eguerdian agerraldi jendetsua egin dute Gasteizen, eta iragarri dute kanpaina bat abiatuko dutela Eusko Jaurlaritzari eskatzeko kultura eta ikus-entzunezkoen politikak «errotik» aldatzeko. Aldatu Gidoia Euskararen alde leloa izango du kanpainak. «Masa kritiko sendo bat artikulatu nahi dugu euskara eta euskarazko kultura erdigunean jarriko dituzten politen alde», adierazi dute. Horretarako, Euskal Herri osoko gizarte eragile eta norbanakoekin bilduko dira, eta sinadura bilketa abiatuko dute Change.org plataforman atxikimendu gehiago batzeko. Era berean, iragarri dute Eusko Jaurlaritzarengana eta alderdi politikoengana joko dutela datorren urteko kultura politiketan eta aurrekontuetan euren eskariak aintzat har ditzaten eskatzeko. Kanpaina borobiltzeko, manifestazio batera deitu dute datorren urteko maiatzaren 18rako. Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzatik irtengo da, 17:30etik aurrera. Aldarri argia izango du: euskara eta euskarazko kultura oinarri izango dituen EITBren alde egitea. EITBk azken urteetan hartu duen norabidearekin arrangura eragin die kanpaina sustatu duten eragileei. Iritzi diote sorrerako helburuak «baztertu» dituela, eta «Espainiako markoa» gailendu dela guztiz: «Gaztelerak eta gaztelerazko telebista eta irratiek hartu dute erreferentzialtasuna eta prestigioa euskaldunon artean eta gizartean, euskara eta euskarazko telebista eta irratiak bigarren mailan edo bazterrean geratu direlarik». Halaber, kritikatu dute «hanka sartze larria» dela Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailetik euskarazko ikus-entzunezkoetara baliabide gutxi bideratzea. Azpimarratu dute EITBri dagokiola herritar guztiei euskarara sarbide unibertsala bermatzea, eta hartarako, «sendo» behar duela egon, euskara lehen hizkuntza hartuta, euskal kulturan ardaztuta, herritarrentzat «erreferentzia» bilakatuta eta euskarazko programazio «oso, kalitatezko eta orekatua» eskainita. Egun, baina, gaztelerazko eskaintza euskarazkoa baino askoz gehiago zaintzen dela salatu dute:«El Conquis, En Jake, Akelarre eta bestelako erdarazko saioak dira EITBren kutunak». Eta zineman eta streaming plataformetan ere lehengo lepotik burua, eragileen ustez. «Euskarak fikzioa behar du berandu baino lehen», ohartarazi dute. Erakundeei eskatu diete lan egiteko euskarazko edukiek euskarri guztietan tokia izan dezan: «Estrategikoa deritzogu euskarazko eskaintza duina jendea dagoen tokietara eramateari: telebistara, zinema estreinaldietara eta, bereziki, streaming plataformetara». Aurrekontuaren %5 Horiek hala, hainbat eskaera egin dizkiote Eusko Jaurlaritzari. Batetik, galdegin diote Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren urteko aurrekontuaren %5 euskarazko ikus-entzunezkoetara bideratzeko, euskaraz ekoitzitako lanak finantzatzeko eta zinema eta plataformetako edukiak euskarara bikoizteko diru laguntza lerro propioak sortzeko. Halaber, ondorengo eskaerak egin dituzte: EITBk urtean edukietara bideratutako diru partidaren %75 euskarazko programetara zuzentzea; helduentzako film eta telesailen emanaldien erdia gutxienez euskaraz eskaintzea; Primeran plataforman, ikus-entzunezko eduki guztiak euskarara bikoiztuta eta azpidatzita eskaintzea; bi urtean, haur eta gaztetxoei zuzendutako edukietara bideratutako aurrekontua progresiboki handitzea; euskarazko bikoizketa urtean 1.500 orduko produkzio mailara itzultzea eta ikus-entzunezko lanak finantzatzeko diru partiden %75 euskarazko ekoizpenak laguntzera bideratzea. Inklusioaren eta hizkuntza normalizazioaren ikuspegitik, berriz, azpidatzien erabilera politikak diseinatzea eta horiek orokortzea eskatu dute. Zineman eta plataformetako euskarazko estreinaldiak «iraunkorki promozionatzea» funtsezkoa dela uste dute, eta baita euskaraz sortu, bikoiztu eta azpidatzitako lanen ondare publikoa «babestea, zaintzea eta hedatzea» ere. Horrekin batera, euskarazko kulturarentzat eta sortzaileentzat «lehentasunezko tokia» izan beharko luke EITBk, haientzako «gutxieneko kuotak» ezarrita, eragileen ustez. Sarean dauden plataformetan, berriz, euskarazko sortzaileak eta lanak ikusgarri egiteko politikak egon beharko liratekeela iritzi diote. Orobat, euskarazko bideo-jokoen alde egiteko eskatu diote EITBri. Besteak beste, bideo-jokoen industriako ehun asoziatiboarekin eta enpresarialarekin harremanak sortzea eta lan egitea proposatu dute, euskararen presentzia bermatu aldera. Eta garrantzitsutzat jo dute lan egitea sektoreko puntako enpresen bideo-joko kontsolek nahiz gailuek euskara interfaze grafikoan txertatu daitezen, eta dendetan euskara etiketa berezituarekin ager daitezen. Atxikimenduak Hurrengo eragileek babestu dute Aldatu Gidoia Euskararen alde kanpaina: ELA LAB Steilas Iratzar Fundazioa Euskalgintzaren Kontseilua UEMA Euskal Herrian Euskaraz AEK Ikastolen Elkartea Gazte Euskaltzaleon Sarea IKA euskaltegiak BIEUSE bikoiztaile euskaldunen elkartea EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea Sortzen Pantailak Euskaraz Naziogintza Netflix Euskaraz (H)Itzartu EITB Zer non ikusi Euskal Encondings Zinemak Euskaraz Game Erauntsia Arnas Dezagun Administrazioan Euskaraz taldea Zappingzalea Mangaberri Alkartasuna Fundazioa Hau Pitti Hau Bilboko konpartsa Euskal Eskola Publikoaren Aldeko plataforma Lanartea Euskal Aktoreen Batasuna
2023-9-9
https://www.berria.eus/albisteak/232609/xabier-lasak-eta-jon-gerediagak-irabazi-dute-irun-hiria-saria.htm
Kultura
Xabier Lasak eta Jon Gerediagak irabazi dute Irun Hiria saria
'Ura ez baita beti gardena' izena du Lasaren nobela sarituak, eta 'Zeru-lurren liburua', berriz, Gerediagaren poesia lanak. Joxean Agirreren 'Gizon barregarriak' eleberriari ere aipamen berezia egin dio epaimahaiak.
Xabier Lasak eta Jon Gerediagak irabazi dute Irun Hiria saria. 'Ura ez baita beti gardena' izena du Lasaren nobela sarituak, eta 'Zeru-lurren liburua', berriz, Gerediagaren poesia lanak. Joxean Agirreren 'Gizon barregarriak' eleberriari ere aipamen berezia egin dio epaimahaiak.
Orain arte literaturaren eremuan agertu gabeko izen bat, Xabier Lasarena, eta poesian kritikak txalotu izan duen egile bat, Jon Gerediaga, izan dira saridun 45. Irun Hiriko Kutxa Literatura sariketan. Hari esker argitaratuko du, bada, bere estreinako literatur lana Lasak (Berriozar, Nafarroa, 1967), Ura ez baita beti gardena izenburua daramana. Gerediagarena (Bilbo, 1975), berriz, izen ezaguna da poesia irakurleen artean, eta zazpigarren poema bilduma izango da sariaren bitartez plazaratuko duena: Zeru-lurren liburua. «Ustekabea». Saria, batez ere, harridura aldarte horrekin jaso izana aitortu dio Lasak BERRIAri. «Hau da idatzi dudan nire lehen eleberri serioa. Ez naiz gaztea batere, baina orain arte ez dut ezer argitaratu nobelagintzan. Beraz, bai, ustekabea eta poz handia». Hitz batean, «thrillertzat» deskribatu du Ura ez baita beti gardena; bi hitzetan, «thriller foraltzat». Lasa: «Abiapuntuan Erriberako herri batean uraren inguruan gertatzen diren kontu batzuk daude. Baina hori dena politikarekin nahasten da, eta gaur egun nahiko aktualitatean dauden gai batzuk jorratzen dira, bai uraren tratamenduan, bai negozio munduan eta bai politikagintzan. Dena nahastu dut ikuspegi nafar batetik, oso Erriberakoa den ikuspuntu batetik». Egun Antsoaingo (Nafarroa) euskara teknikari postuan ari da lanean Lasa, baina kontakizunean leku egin dion politika mundua gertutik ezagututakoa da aurrez. Berriozarko alkatea izan zen 2007tik 2015era bitartean (NaBai), baita Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko zuzendaria ere. Literaturarekiko lotura, berriz, aspalditik datorkiola aipatu du, eta, batez ere, «irakurzale sutsutzat» jo du bere burua. «Idatzi ere idatzi izan ditut gauzak, baina hau idatzi arte ez naiz ausartu izan ezer bidaltzera». Motibazio «prosaikoak» Saridunek ere gaur bertan jaso dute albistea, eta deiaren osteko «poza» bistan utzi du Gerediagak: «Oso momentu egokian heldu da, eta pozik hartu dut, oso». Natura berriak (2020, Pamiela) du orain arteko azken lana, eta, ordutik hona ostutako poema bilduma berria sariketara bidaltzeko motibazioen artean «arrazoi prosaikoak» nabarmendu ditu: «Pasa den urtean eszedentzia eskatu nuen, aurten ere bai, eta azken hiru-lau hilabeteetan ez dut diru-sarrerarik eduki. Nahiz eta testu laburrak izan, poema bat portu onera iristeko tentsio intelektual, espiritual eta ekonomiko asko pasatu behar dira. Hiru-lau urte ematen dituzu poema liburu bat idazten, eta argitaratzen denean ez duzu sosik ikusten, edo oso gutxi». Sariketara ziurgabetasun eta prekarietate horrek bultzatuta aurkeztu zela aitortu du, eta, dagoeneko lan mordoxka bat publikatu badu ere, hasiberritzat jarri du bere burua. «Poema bat idazten bukatzen duzunean ez dakizu hurrengoa aterako den edo ez. Pentsatzen dut poesia idazten dugunok beti garela apur bat hasiberriak, ez dakizu hurrengo aldarte poetikoa noiz helduko den, eta emaitzarik emango ote duen. Beti izango gara hasiberriak». Zeru-lurren liburua-ren inguruan esan du, bestalde, duela bospasei hilabete sariketara bidali zuenetik ez duela berriro irakurri, eta, beraz, «buruan fresko» ez badu ere, azken bolada luzean heldutako bideei segitzen dien lana dela. «Azken hamar urteetako ardatz nagusiak daude hemen ere: natura, gizakia, eta gizakia eta naturaren arteko harremana. Kasu honetan, esango nuke lehenengo pertsonan agertzen dela gizakiaren errepresentazioa, poetaren begietatik». Eta askoz gehiago ere ezin esan, poesiarekin «azalpenek eta sailkapenek» ez baitute askorako balio, egilearen ustetan. «Poema irakurri eta zer edo zer esaten badizu, ongi; bestela hartu beste liburu bat, eta listo. Zaila da poema bat azaltzea, oso zaila». Guztira, 38 euskarazko lan Gaur egin dute aurtengo saridunak iragartzeko ekitaldia, Irunen (Gipuzkoa), eta hantxe egingo dute sari banaketa ere, azaroaren 24an. Liburuen argitalpenaz aparte, Lasak 20.000 euro eta garaikurra jasoko ditu; eta Gerediagak, 15.000 euro eta garaikurra. Lehenaren kasuan, Jon Martin Etxebeste, Joxe Mari Iturralde eta Arantza Urretabizkaia aritu dira epaimahai lanetan, eta Joxean Agirreren Gizon barregarriak lanari aipamen berezia ere egin diote. Poesian, bestalde, Lourdes Otaegik, Ibon Egañak eta Felipe Juaristik osatu dute epaimahaia. Bi urtean behin banatzen dira Irun Hiriko Kutxa Literatura sariak, eta aurten, guztira, 331 lan jaso dituzte, horietatik 38 euskaraz. Zehatzago, jasotako lanen artetik, 182 gaztelaniazko eleberriak izan dira, 111 gaztelaniazko poesia lanak, 21 euskarazko eleberriak eta 17 euskarazko poema bildumak. Gaztelaniazko aurtengo saridunak Martha Asuncion Alonso (Cartas a Nensi) eta Andres Garcia Cerdan izan dira (Equipos de respiración subacuática), eleberrian eta poesian, hurrenez hurren.
2023-9-9
https://www.berria.eus/albisteak/232610/euskal-herriaren-aitortza-politikoaren-eta-erabakitzeko-eskubidearen-alde-lan-eginen-dute-eh-baik-eta-eh-bilduk.htm
Politika
Euskal Herriaren aitortza politikoaren eta erabakitzeko eskubidearen alde lan eginen dute EH Baik eta EH Bilduk
Bi zuzendaritzek bilkura egin dute ikasturte politikoa abiatzeko, eta «jauzi politiko» baten beharra azpimarratu dute. Aurki ekimen bateratuak jartzeko xedea dute.
Euskal Herriaren aitortza politikoaren eta erabakitzeko eskubidearen alde lan eginen dute EH Baik eta EH Bilduk. Bi zuzendaritzek bilkura egin dute ikasturte politikoa abiatzeko, eta «jauzi politiko» baten beharra azpimarratu dute. Aurki ekimen bateratuak jartzeko xedea dute.
Euskal Herri mailako nazio bilkura egin dute gaur goizean EH Bai eta EH Bilduko zuzendaritzek Hiriburuko (Lapurdi) La Perle aretoan. Euskal Herriak «herri gisa dituen aukera eta arriskuak» aipatu, eta dituen erronken aurrean «baterajotze nazionalen norabidean ekimen berriak mahaigaineratzeko» hausnarketa abiatu dutela adierazi dute. Orain arte egin izan dituzte agerraldi bateratuak, baina argazki berria eskaini nahi izan dute gaurkoan: «euskal ezker independentismoaren» zuzendaritzen batasunarena. Euskal Herriaren aitortza politikoa eta erabakitzeko eskubidea lehenetsi dituzte. Euskal Herriaren aitortza eta erabakitzeko eskubidea izanen dira bi mugimenduen elkarlanaren ardatzak. «Gure aburuz, euskal herritarren ongizatea Euskal Herriaren subirautzari hertsiki loturik doa», adierazi dute. «Herri gisa bizirik irauteko konbikzioa eta proiektu sendoa dugu». Beraien hitzetan, gainera, gero eta jende gehiagoren babesa dute; mugaz bi aldeetako azken hauteskundeetan jasotako emaitzek hala erakusten dutela azpimarratuta. «Geroz eta euskal herritar gehiago daude ezker subiranismoarengan konfiantza ematen dutenak, eta guzti honek garbi adierazten du Euskal Herria ziklo politiko berri batean murgildua dela». EH Bai eta EH Bilduren ustez, Euskal Herriak «erronka handiak» ditu parez pare. «Aldaketa globalek eragindako krisi anizkoitzek bete-betean jotzen dute gure herria», ohartarazi dute. «Berdintasun, ongizate eta garapen-adierazle nagusien arabera, gure metabolismo komunitarioa arriskuan dago eta horrek bidegurutze historiko batean kokatzen gaitu. Gure herriak aurrera egin behar du, garaiko erronkek eskatzen duten neurrian». Herri akordioen beharra «Jauzi politiko» baten beharra dagoela defendatu dute EH Baik eta EH Bilduk. «Arnasberritze nazional baten beharra dugu, bulkada nazional berri batena. Jauzi bat Euskal Herriaren askapen prozesuan: jauzi bat naziogintzari lotutako hainbat arlotan, lurralde-artikulazioan eta Euskal Herritik Euskal Herrira pentsatu eta garatutako politika publikoetan». Bi indar politikoen iritziz, garaiko erronka sozial eta ekologikoei «gure gaitasun komunitario eta territorialen arabera» erantzuteko aukera baliatu behar da. Gatazka politikoaren oinarrian dagoen burujabetzaren auzia indar berriz mahaigaineratzeko unea dela erran dute: «nazio aitortza eta herri gisa dagokigun erabakitzeko eskubidearen errespetua». Asteartean beteko dira 25 urte Lizarra-Garaziko hitzarmena izenpetu zenetik, eta hura nostalgiaz errepikatu gabe orduko izpiritua berreskuratzera deitu dute. Hainbat irakasgai utzi zituela iritzi dio Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak. «Euskal Herria zazpi lurraldeko nazio bat da. Askotan bada dena zatitik ikusteko joera, eta guk uste dugu denetik zatiak ikusi behar direla, eta ikuspegi nazional hori mantendu behar dela. Lizarra-Garazik hori eman zion herri honi: maparen osaketa hori mahai gainean jartzea». Orduan ezarri zen eskema ere nabarmendu du: «Ahalik eta gehienen artean akordioak sustatzea». EHBaik eta EHBilduk adierazi dute bi mugimenduen arteko harreman politikoak sakontzeko lanean segituko dutela, eta, «luze gabe», ekimen politiko bateratuak martxan jartzeko xedea dutela baieztatu dute. «Euskal Herriaren nazio izaera indartzeko, eta Euskal Herriak ziklo politiko berriari begira bere etorkizuna erabakitze bidean, aukera eta ate guztiak parez-pare irekiak izan ditzan. Egin dezagun guztiok bultza».
2023-9-9
https://www.berria.eus/albisteak/232611/deklarazio-komuna-aurkeztu-dute-g20ko-liderrek.htm
Mundua
Deklarazio komuna aurkeztu dute G20ko liderrek
Ukrainari buruzko desadostasunak alde batera utzita, erdibideko adostasunera iritsi dira munduko potentzia ekonomiko handienak. AB Afrikako Batasuna taldearen kide izango da gaurtik aurrera.
Deklarazio komuna aurkeztu dute G20ko liderrek. Ukrainari buruzko desadostasunak alde batera utzita, erdibideko adostasunera iritsi dira munduko potentzia ekonomiko handienak. AB Afrikako Batasuna taldearen kide izango da gaurtik aurrera.
New Delhi topaleku duen G20ko bileraren atarian, atzo, munduko potentzia ekonomiko handienetako buruzagiek «ia prest» zuten deklarazioaren zirriborroa. Liderrek Ukrainako gerraz dituzten desadostasunek kolokan jarri zuten hori onartzea, baina, gaur, azkenean, argitu da paisaia: Indiako lehen ministro Narendra Modik jakinarazi du ados jarri direla G20ko liderrak, eta guztiek onartu dutela deklarazioa. Denera, 83 paragrafo ditu dokumentuak. Amitabh Kant G20rako Indiako ordezkariak esan duenez, «herrialde guztiak erabat ados» agertu dira horrekin. Horraino iristeko negoziazioak, ordea, luzeak izan dira. Eztabaidatutako gaien artean izan dira klima larrialdia eta estatuen zorrak, baina Ukrainako gerrak eragin ditu estatu guztiak ados jartzeko zailtasun handienak. Bai Europako herrialdeek, bai AEB Ameriketako Estatu Batuek gaitzetsi egin dute Errusiaren inbasioa gerra hasi zenetik. Hain justu, auzia ildo horretatik jorratu nahi zuten G20ko deklarazioan. Bestelako iritzia adierazi dute, ordea, Errusiak eta Txinak —nahiz eta ez Xi Jinping Txinako presidentea eta Vladimir Putin Errusiakoa ez diren goi bileran izan—. Azkenean, bi iritzien arteko erdibideko zerbait idatzi dute deklarazioan. Xehetasun handirik eman, eta izenik aipatu gabe, zera berretsi dute: «Estatu guztiek uko egin behar diote, lurralde baten subiranotasunaren eta independentzia politikoaren aurka, lurralde hori indarraren bidez mendean hartzeari». Are, zehaztu dute «onartezina» dela arma nuklearren erabilera. Zerealen ituna ere aipatu dute dokumentuan: «Eskerrak ematen dizkiegu Turkiari eta NBE Nazio Batuen Erakundearen bitartekaritzari, Istanbulen sinatutako akordioengatik, eta itun horiek errespetatzeko eta indarrean jartzeko eskatzen dugu, posible izan dadin Errusiako eta Ukrainako zerealak, elikagaiak eta ongarriak berehala esportatzea». Ikusteko dago, ordea, Errusiak hori betetzen duen edo ez, zerealen ituna bertan behera utzi baitzuen uztailean. Horiez gain, aipatzekoa da klima larrialdiari aurre egiteko adostutako «garapen berdearen ituna». G20koek konpromisoa hartu dute 2030erako munduko energia berriztagarrien ahalmena hirukoizteko. «Klima larrialdiari aurre egiteko dokumentu eraginkorrena da hau», esan du Kantek. Afrikako Batasuna taldera gehitu da Gaurtik aurrera, eserleku bat gehiago izango da G20koen goi bileretan. Taldeko kideek hala erabakita, AB Afrikako Batasuna G20ko kide izango da, behin betiko. Ongietorria emateko, New Delhin izan da ABko presidente Azali Assoumani, eta erabakia «historikotzat» jo du. Horrek nabarmen hauspotu dezake Indiak iragarritako helburu nagusietako bat: munduko hegoaldearen posizioa indartzea eta G20 talde «inklusiboagoa» izatea. Afrikako 55 herrialdek osatzen dute AB, eta 2016tik eskatu dute G20ren parte izateko.
2023-9-9
https://www.berria.eus/albisteak/232612/vueltan-bizikleta-adina-ikurrin.htm
Kirola
Vueltan, bizikleta adina ikurrin
«Ez dugu gure artean mugarik nahi», aldarrikatu du Gure Esku-k, Vuelta Euskal Herritik pasatzean.
Vueltan, bizikleta adina ikurrin. «Ez dugu gure artean mugarik nahi», aldarrikatu du Gure Esku-k, Vuelta Euskal Herritik pasatzean.
Vueltaren hamalaugarren etapa Euskal Herritik igaro da gaur; besteak beste, Larrainetik eta Urdatxetik (Zuberoa). Uztarrozen (Nafarroa) bukatu da etapa, Belaguako portuan. Gure Esku-k eta Nafarroa Berriz Altxa elkarteak bultzatuta, herritar ugarik ikurrinak eta Nafarroako banderak atera dituzte errepide ertzetara, txirrindulariei animoak helarazteaz gain, Euskal Herritik igarotzen ari zirela ere argi adierazteko. «Espainiako Vuelta Xiberua eta Nafarroatik igaroko da eta euskaldunok errepideetara aterako gara geure ikur eta aldarriekin. Berriro ere argi esango dugu: zazpi lurraldez osatutako herria gara, ez dugu gure artean mugarik nahi eta geure etorkizun politikoa libre eta demokratikoki erabaki nahi dugu», nabarmendu du Gure Esku-ko bozeramaile Josu Etxaburuk, Larrainen. Gainera, Vuelta Zuberoako herri horretatik igaro izanari garrantzia eman dio Etxaburuk: «Paso hau egunerokoan itxita daukate eta gaurko bakarrik egongo da zabalik, lasterketa igaro dadin. Batzuentzat muga dena guretzat ez, eta egunerokoan zabalik eduki nahi dugu, geure herritik libre mugitzeko, geure artean ez baitugu mugarik nahi. Guk erabaki nahi ditugu bai geure artean bai bi estatuekiko harremanak eta horregatik, oraingoan ere harro esaten dugu: Euskal Herriak erabaki!». Jando Iriartek, Larraineko auzapezak, ere hartu du hitza bere herrian egindako agerraldian: «Ez da sekula izan mugarik geure artean. Muga zerratua da ofizilaki, baina guk ez dugu ezagutu hau zerratua, eta gure anai-arreba nafartarrekin beti harremana izan dugu. Horrek segi behar du. Gure iritzia gabe ezin dira herri honetan gauzak erabaki, eta bistan dena: guk ez ditugu onartzen bi estatuek [Frantziak eta Espainiak] hartu dituzten horrelako erabakiak, gure bizia baita hemen pasatzen dena». Bihar ere Vuelta Euskal Herritik pasatuko da; Nafarroatik, hain zuzen. Iruñean hasiko da, eta Lekunberriraino joango dira, Lizarratik eta Etxarri-Aranatzetik barrena, besteak beste. Gure Esku-k Nafarroa Berriz Altxa-k biharko ere dei egin die euskal herritarrei Vuelta ikurrinez betetzeko. Bihar 17:30ean dago aurreikusita Vueltaren hamabosgarren etapa amaitzea, eta hori baino lehen egitarau bat osatu dute Lekunberrin, kalejirarekin eta herri bazkariarekin. Ondoren ikurrinak eta bestelako ikurrak banatuko dituzte, Vueltan astintzeko.
2023-9-9
https://www.berria.eus/albisteak/232613/evenepoelek-arantza-atera-du-belaguan-irabazita.htm
Kirola
Evenepoelek arantza atera du Belaguan irabazita
Atzoko etapan 27 minutu galdu eta gero, hasieratik ibili da ihesaldia osatu nahian. Sailkapen nagusiko goialdean ez da aldaketarik izan.
Evenepoelek arantza atera du Belaguan irabazita. Atzoko etapan 27 minutu galdu eta gero, hasieratik ibili da ihesaldia osatu nahian. Sailkapen nagusiko goialdean ez da aldaketarik izan.
Kirolak zerbait badu, zera da: egun batean beltza dena, hurrengoan zuria dela. Herenegun txirrindularitza zale guztien ahotan zegoen Remco Evenepoelek (Quick Steep) izandako deskalabrua. 27 minutu galdu zituen Tourmaleteko gainean, eta agur esan zion Espainiako Vuelta irabazteko aukerari. «Barkamena eskatu nahi diet taldekideei eta zaleei, baina gaur hustuta nengoen», esan zuen. Iluntzean, ordea, ondorengo mezua idatzi zuen bere sare sozialetan: «Otsoek ez dute sekula amore ematen». Eta flandriarra otsoen pare aritu da gaur, Vuelta Euskal Herrira iritsi den egunean, Zuberoan sartu eta etapa Nafarroan amaituta, Larra Belaguan. Txapeldun handia dela berretsi du, eta garaipena lortu du. Hasieratik aritu da ihesaldiaren bila. 40. kilometroan lortu du helburua. Ondoren, eguneko lehen mendatean ihes egin du Romain Bardetekin (DSM). Ihesaldiaren erritmoa ezarri du Erritmo horrek, indarrez hustu du Bardet. Frantziarrak etapa bikaina egin du. Baina, 3,7 kilometro falta zirenean, amore eman behar izan du. Evenepoelentzat garaipena Belaguan, eta neurri batean herenegungo etapak utzitako zauria goxatu zuen. Thomas de Gendten (Lotto) urrutiko eraso ahaleginaren ostean, helmugarako 144 kilometro falta zirela, Nelson Oliveirarekin (Movistar) alde egiten ahalegindu da Evenepoel. Baina bederatzi kilometro aurrerago harrapatu egin dite. Baina Evenepoel ez zegoen amore emateko prest, eta ekinean jarraitu du, azkenean ihesaldia osatu arte. Etapako 40. kilometroan izan zen. 24 txirrindulari zeuden bertan. Harekin batera ziren, besteak beste, Romain Bardet (DSM), Damiano Caruso (Bahrain) eta Lennard Kämna (Bora); baita, Jonathan Castroviejo ere (Ineos). Eguneko lehen mendatea zuten aurretik, Hourcere (11,1 km eta %8,7ko pendiza). Igoera aurrera joan ahala, iheslarien multzoak txirrindulariak galdu ditu. Aurrekoen eta tropel nagusiaren arteko abantaila 4.30 bueltan egonkortu da. Hura kontrolatzen Jumbo-Visma, sailkapen nagusiko lehen hiru txirrindulariaren taldea: Sepp Kussena, Primoz Roglicena eta Jonas Vingegaardena. Baina ikusi da ez zutela asmorik ihesaldia bertan behera uzteko. Evenepoelek esana zuen etapa aurretik, sailkapen nagusiarenean ez bazen ere, datorren igandean Madrilgo podiumean egon nahi zuela. Mendiko elastikoa du begiz jota orain. Horren seinale, Hourcere gainetik lehen postuan igaro da, eta hamabost puntu eskuratu ditu. Beheraka, ihes egin zuten Evenepoelek eta Bardetek, eta lehen tartea ireki dute: 35 segundokoa. Bi txirrindulariek ibilbide gogorra zuten aurretik. Eguneko hurrengo zailtasuna Larraine zen (14,9 eta %8ko pendiza), Euskal Herrian. Hara iristerako 35 segundoko alde hori 1.05ra igo da, eta tropelarekikoa 4.23ra Igoera polita egin dute, eta Evenepoel mendiko sailkapeneko lehen tokian jarri da. Faboritoen tropelean Juan Ayuso (UAE) izan da soka tenkatzen saiatu dena. Baina ez zuen lortu. Evenepoelek eta Bardetek aldea handitzen jarraitu dute. Gainean 5.45ekoa zen. Tartean zen Michael Storer (FDJ) 2.05era. Aurpegiak eta pedalkada erritmoa ikusita, Evenepoel hobeto zegoen. Ez du eraso gogorrik jo, askotan egin izan duen moduan. Kasu honetan, erritmoa apur bat areagotu du, eta Bardetek sufritu egin zuen flandriarraren gurpilari eusteko. Uneoro haren atzetik zihoan, eta hortzak ondo estutuz. 6.26ko errentarekin, eta 20 kilometro zirela, gutxik egiten zuten zalantza etapa garailea bien artean erabakiko zela. Jendea zain zegoen noiz utziko zuen atzean Evenepoelek Bardet. 3,7 kilometro falta zirenean izan da. Estutu txiki bat nahikoa izan du. Bardet indarrez hustuta zegoen, eta Quick Stepekoak bere legea ezarri du. Lehena izan zen helmugan. 3,7 kilometrotan 1.12ko errenta atera zion Bardeti. Faboritoen artean ez zen alderik izan. 8.22ra iritsi ziren.
2023-9-9
https://www.berria.eus/albisteak/232614/lanthimosen-poor-things-filmak-irabazi-du-urrezko-lehoia.htm
Kultura
Lanthimosen ‘Poor Things’ filmak irabazi du Urrezko Lehoia
Veneziako 80. Zinemaldiko epaimahaiaren sari nagusia Ryusuke Hamaguchik eraman du, eta zuzendari onenarena, aldiz, Matteo Garronek.
Lanthimosen ‘Poor Things’ filmak irabazi du Urrezko Lehoia. Veneziako 80. Zinemaldiko epaimahaiaren sari nagusia Ryusuke Hamaguchik eraman du, eta zuzendari onenarena, aldiz, Matteo Garronek.
Hamar zinema egun beteren ostean, gaur iluntzean banatu dituzte Veneziako 80. Zinemaldiko sariak. Argitzen azkena izan da Urrezko Lehoia, eta faboritoen artean zegoen Yorgos Lanthimosen Poor Things lanak eraman du azkenean. XIX. mendean dago girotuta filma, eta, garaiko eskema sozialetatik libre, plazer, jakintza eta askatasun egarri den emakume baten (Emma Stone) ibilerak ditu kontagai. Erritmo pausatuagoa duen film batek eraman du, bestalde, gaueko bigarren sari entzutetsuena, epaimahaiaren sari nagusia-Zilarrezko Lehoia: Ryusuke Hamaguchiren Aku Wa Sonzai Shinai Nai/Evil Does Not Exist lanak —landa eremuko komunitate batek glamping-aren fenomenoari aurre nola egiten duen kontatzen du—. Zuzendaririk onenaren Zilarrezko Lehoia, berriz, Matteo Garronek jaso du, Io Capitano filmarengatik. Afrika atzean utzi, eta Europarantz jotzen duten gazteen errealitateaz dihardu, eta filmeko aktore protagonistarentzat, Seydou Sarrirentzat, izan da, hain justu, aktore hasiberri onenaren saria. Txalo zaparrada luzea jaso du. Eta berdin Agnieszka Holandek ere, epaimahaiaren sari berezia jaso duenean Green Border lanarengatik —Bielorrusia eta Polonia artean harrapatuta dauden errefuxiatuez dihardu—. Pablo Larrainek El conde estreinatu du egunotan Veneziako sail ofizialean, Pinochet diktadorea banpiro eran ageri duen filma, eta gidoi onenaren saria eraman dute Guillermo Calderon eta biek harekin. Interpretazioaren alorrean, berriz, Cailee Spaenyrentzat izan da emakumezko aktorerik onenaren saria, Priscilla-n egindako lanagatik —Elvis Presleyren emazte Priscilla Beaulieuri buruzko filma da, Sofia Coppolak zuzendua—; eta gizonezko aktorerik onenarena, Peter Sarsgaardentzat, Michael Francoren Memory-rengatik—hori zen, besteren artean, Urrezko Hartza lortzeko gehien aipatu den filmetako bat—. Gaueko beste sari mordoxka bat Orizzonti sailean banatu dituzte, zinema lengoaia berriei eskainitakoan. Film onenaren saria Gabor Reiszenek eraman du atal horretan.
2023-9-10
https://www.berria.eus/albisteak/232635/kazkabar-ekaitz-handia-izan-da-bart-fiteron-cintruenigon-eta-corellan.htm
Gizartea
Kazkabar ekaitz handia izan da bart Fiteron, Cintruenigon eta Corellan
Meteorologia agentziek ohartarazi dute litekeena dela gaur ere ekaitza egitea, eta alerta hori ezarri dute. Bihar isurialde atlantikoan egingo duela iragarri dute.
Kazkabar ekaitz handia izan da bart Fiteron, Cintruenigon eta Corellan. Meteorologia agentziek ohartarazi dute litekeena dela gaur ere ekaitza egitea, eta alerta hori ezarri dute. Bihar isurialde atlantikoan egingo duela iragarri dute.
Irudi ikusgarriak utzi ditu bart Nafarroako Erriberan eginiko kazkabar ekaitzak. Fiteroko kaleak izotz ibai bihurtuta ikusten dira sare sozialetan zabaldu dituzten bideoetan, eta txingorra kentzeko indusmakinak erabili behar izan dituztela. Cintruenigon eta Corellan ere gogor jo du kazkabar ekaitzak, eta Erriberatik kanpo, Artaxoan ere bai. Fiteron, Cintruenigon eta Artaxoan, gainera, jaiak ospatzen ari dira egunotan. Lizarraldean eta Sakanan ere asko egin du, baina, batez ere, euria. Lizarrako meteorologia estazioan metro koadroko 60,5 litro neurtu dituzte azken 24 orduotan, eta Aralarkoan, 28,8. Gaurko ere, alerta horia ezarri dute AEMET meteorologia agentziak Nafarroako Erriberarako, eta esan dute litekeena dela ordu batean 15 litro egitea metro koadroko. Ohartarazi dutenez, bihar Atlantikoko isurialdean egingo du euria.
2023-9-10
https://www.berria.eus/albisteak/232636/arraun-lagunak-ek-nagusitasunez-irabazi-du-kontxan.htm
Kirola
Arraun Lagunak-ek nagusitasunez irabazi du Kontxan
Donostiarrak nagusi izan dira hasi eta buka, eta ligan askotan erakutsi duten nagusitasuna erakutsi dute egun handian. 2021ean bezala, Euskotren liga eta Kontxako bandera irabazi dituzte.
Arraun Lagunak-ek nagusitasunez irabazi du Kontxan. Donostiarrak nagusi izan dira hasi eta buka, eta ligan askotan erakutsi duten nagusitasuna erakutsi dute egun handian. 2021ean bezala, Euskotren liga eta Kontxako bandera irabazi dituzte.
Estropada ikaragarria egin du Arraun Lagunak-ek, eta aise irabazi du Kontxako Bandera. Sasoia biribildu du Juan Mari Etxaberen taldeak, eta, 2021ean bezala, Euskotren Liga eta Kontxako Bandera irabazi ditu. Hasiera parekatua izan da, baina ziabogara iritsi aurretik hautsi du estropada Donostiako taldeak, eta espero ez ziren aldeak ikusi dira. Ziabogaren ostean, harengandik segundo batera gerturatu da Donostiarra, baina amaieran zazpi segundora joan da aldea. Orio ondo hasi da, baina, ziabogara iritsi aurretik, donostiarrei jarraitu ezinda gelditu da. Tolosaldea hasieratik gelditu da atzean, eta ezin izan da lehiatu bandera lortzeko. Arraun Lagunak eta Orio jarri dira estropadaren buruan semaforoa berde jarri eta berehala. Donostiarrak eutsi egin dio ligako lehen bi sailkatuen hasiera gogorrari, baina Tolosaldeak, iragan igandeko irabazleak, lau segundo galdu ditu hasi eta berehala. Elkarren ondoan egin dute estropadaren hasiera Arraun Lagunak-ek eta Oriok, lehenengo kalean donostiarrek eta bigarrenean oriotarrek. Ziabogara iritsi aurretik hasi da estropada puskatzen Etxaberen taldea. Oriok sufritu egin du hasiera gogorraren ostean, eta Donostiarrak aurrea hartu dio ziabogara iritsi aurretik. Ziabogan, aldeak espero baino handiagoak izan dira: ez da lehenengo igandeko berdintasunik ikusi. Bost segundora iritsi da Donostiarra, eta zazpira Orio. Itzulerakoan, gehiago sufritu du Arraun Lagunak-ek. Bost segundoren aldearekin iritsi da ziabogara, baina berehala jan dizkio lau Donostiarrak. Sufritu egin dute metro horietan, baina sufritzen jakin behar izaten da, eta horixe egin dute donostiarrek. Ziztu bizian egin dute irlatik hondartzarako bidea, eta aldeak gora eta gora baizik ez du egin. Azkenean, zortzi segundora iritsi da Donostiarra. Oriok eta Tolosaldeak asko sufritu dute poparean eta beste bi aurkariak aurretik ikusita; gogorregia egin zaie estropadaren amaiera. Hamahiru segundo galdu ditu Oriok, eta hogei Tolosaldeak. Lehenengo txandan, parean egin dituzte irlara bitarteko metroak lau ontziek. Pixkanaka, Kaiku eta Hondarribia jarri dira estropadaren buru, eta aurretik iritsi dira ziabogara. Elkarren ondoan iritsi dira Bizkaitarra eta Ama Guadalupekoa, eta bi eta hiru segundo galduta iritsi dira Hibaika eta Zumaia, hurrenez hurren. Itzuleran, atzetik aurrerakoa egin du Hibaikak, eta bosgarren postua defendatzera joan dira errenteriarrak. Kaikuk Hibaikaren kalean sartuta egin ditu itzulerako lehen metroak, eta palak jotzear izan dira bi taldeak. Epaileak bere kalera joateko agindu dio bizkaitarren patroiari, eta arazorik gabe egin dute aurrera. Hondarribiari kosta egin zaio irla pasatu arteko bidea. Lehen postuan zegoen oraindik, baina aldea handitu ezinda. Segundo bat eskasera hurbildu zaio Hibaika, baina, irlatik aurrera, hobeak izan dira berdeak. Elkarrengandik oso gertu egin dituzte lau taldeek azken metroak, eta bosgarren postua zegoen jokoan. Bi segundoren aldea lortu zuen Hibaikak iragan igandean, eta, azkenean, Hondarribiak kendu dio bosgarren postu hori, hiru segundoren aldearekin irabazi baitu estropada. Lau segundora sartu da Kaiku, eta zazpira Zumaia. Ikusitakoak ikusita, lehia estua espero da Kaikuren eta Hibaikaren artean kanporaketetan.
2023-9-10
https://www.berria.eus/albisteak/232637/estropada-eta-kontxako-bandera-urdaibairentzat.htm
Kirola
Estropada eta Kontxako Bandera, Urdaibairentzat
Une batez, Zierbena zazpi segundo aurretik izan du Bou Bizkaia-k, baina poparean erakustaldia eman dute Iker Zabalaren arraunlariek
Estropada eta Kontxako Bandera, Urdaibairentzat. Une batez, Zierbena zazpi segundo aurretik izan du Bou Bizkaia-k, baina poparean erakustaldia eman dute Iker Zabalaren arraunlariek
Sufrituta, baina Kontxako Bandera Bermeora joan da bigarren urtez jarraian. Urdaibaik irabazi du Kontxako Bandera. Bi txanden artean haizea mugitu egin da, eta lehen txandako Zierbena izan dute aurkari nagusia bermeotarrek. Une batean zazpi segundo aurretik ere izan da Zierbena, baina Urdaibaik ez die tokirik utzi ezustekoei, eta irabazi egin du Kontxan poparean erakustaldia emanda. Zierbenak baino lau segundo gutxiago behar izan ditu Bou Bizkaia-k. Amaieran Zierbena izan da bigarren, eta Hondarribia hirugarren. Ondarroa kanporatu egin dute epaileek, arraunlarien zerrenda berandu aurkezteagatik. Lehenego txandan espero zena ikusi da. Zierbenak bakarkako lana egin du, iragan igandean Urdaibaik egin zuen bezala, eta aurrean egin dute estropada guztia, bakar-bakarrik. Zazpi segundo galduta zegoen Zierbena iragan igandean, eta kontsolazio txandan aritzea egokitu zaie, bosgarren izan baitziren. Gutxi zeukan kontsolaziotik, baina. Denen ahotan egon dira Galipoak haste honetan, edozein eguraldi aldaketak baderarekin amets egiteko aukera ematen baitzion. Dani Perezenak sinetsita atera dira Kontxako badiara, eta goran jarri dute langa. Hasi eta berehala lortu ditu Zierbenak lehenengo aldeak, eta arerioak ohorezko txandan zeudela jakitun, arraunlariei eskatu eta eskatu aritu da Borja Gomez patroia. Lehen luzea ikaragarria izan da. Argi ikusi da Perezen erabakia. Brankaz apurtu nahi zuen estropada, eta itzuleran nahi zuten bidetik itzuli. Indar erakustaldia egin dute bizkaitarrek, eta aldeak oso handian izan dira ziabogan. Hamazazpi segundo atera dizkio Cabori. Poparean gehiago sufritu dute bizkaitarrek. Emandako guztiaren ostean indar askorik gabe iritsi dira itzulerako bigarren erdira. Hala ere, lanean jarraitu dute, eta 32 segundoko aldearekin irabazi dute txanda. Cabo bigarren izan da, eta Getaria hirugarren. Ondarroa azkena izan da, baina estropada hasi aurretik deskalifikatu dute Itsasoko Ama, arraunlarien zerrenda berandu aurkezteagatik. Hortaz, postuarengatik lortu beharko luketen ordainsaririk gabe gelditu dira, besteak beste. Bigarren txandan Urdaibaik abiadura bizian egin du hasiera. Txandakideak baino askoz hobeto aritu da Iker Zabalaren taldea, eta sei minutuko lanean bost segundo inguru atera dizkie txandako hiru aurkariei. Baina iristen zitzaien informazioa oso txarra zen. Haizeak gora egin du, eta Zierbena sei segundo aurretik zegoen denbora tarte horretan. Bitartean, Oriok, Donostiarrak eta Hondarribiak bi segundoko aldearekin egin dute estropadaren lehen erdia, baina Urdaibairengandik zazpi segundora. Atzetik aurrera, iragan igandean bezala Ziabogan lehen txandako Zierbenarena zen denbora onena. Bost segundo gehiago behar izan ditu ohorezko txandako lehenengo ontziak, Urdaibaik. Bermeotarrengandik zortzi segundora iritsi da Donostiarra, eta urrutiago beste biak. Hamaikara Donostiarra,eta hamahirura Hondarribia. Argi zegoen. Bandera Bizkaitar batentzat zen, baina ikusi behar zen, Urdaibaira edo Zierbenara. Poparean, lehenengo erdiak garrantzia handia zeukan bermeotarrentzat, eta hor jo dute urdinek, Gorka Aranberriren ohiuen artean. Itzuleran haizea alde izan du Urdaibaik, eta pixkanaka-pixkanaka jan dio denbora Zierbenari. Hori bakarrik ez, azkenean estropada ere irabazi du Urdaibaik. Sufrituta bai, baina iragan igandean bezala, erakustadia eman du poparean. Zierbenak baino lau segundo gutxiago behar izan ditu. Minutu erdira iritsi dira txandakideak. Urdaibairen atzetik, bata bestearen atzetik gelditu dira sailkapen nagusian Zierbena, Hondarribia, Donostiarra, Orio, Cabo da Cruz, Getaria eta Ondarroa.
2023-9-10
https://www.berria.eus/albisteak/232638/rui-costa-gailendu-da-lekunberriko-helmugan.htm
Kirola
Rui Costa gailendu da Lekunberriko helmugan
Sepp Kussek (Jumbo Visma) elastiko gorriari eutsi dio.
Rui Costa gailendu da Lekunberriko helmugan. Sepp Kussek (Jumbo Visma) elastiko gorriari eutsi dio.
Iruñea eta Lekunberri (Nafarroa) artean jokatu da gaur Vueltako 15. etapa, eta azken metroetan erabaki da, hiru txirrindularik jokaturiko esprintean. Rui Costa (Intermarche) portugaldarra izan da lehena, Lennard Kamna (Bora) alemaniarraren eta Santiago Buitrago (Bahrain) kolonbiarraren aurretik. Haiengandik 2.52 minutura heldu da Vuelta irabazteko lehian aukera gehien dutenen pelotoia. Remco Evenepoelek laugarren gurutzatu du helmuga. Hura izan da lasterketaren protagonista; izan ere, helmugarako 96 kilometro falta zirela, ihesaldi baten buru jarri da, Lizarragako maldez baliatuta. Talde horretan izan dira, Evenepoelez gain, Jan Hirt, Buitrago, Rudy Molard (Groupama-FDJ) eta Lennard Kamna (BORA-hansgrohe), besteak beste. Beraz, sailkapenean ez da aldaketarik: Sepp Kusse (Jumbo Visma) da buru oraindik, eta haren taldeko Primoz Roglic eta Jonas Vingegaard dira hurrengoak, 1.37 eta 1.44 minutura, hurrenez hurren. Bihar ez da etaparik egongo, atseden eguna dutelako txirrindulariek. Lasterketa Euskal Herriko errepideak utziko ditu, eta asteartean Liencresen (Espainia) abiatuko da.
2023-9-10
https://www.berria.eus/albisteak/232639/bi-gazte-ikertzen-ari-dira-terrorismoa-goratzea-egotzita.htm
Politika
Bi gazte ikertzen ari dira «terrorismoa goratzea» egotzita
Hondarribian atzeman ditu Ertzaintzak, «Gora ETA militarra» mezua zuen ikurrin bat zutela, Segurtasun Sailak adierazi duenez.
Bi gazte ikertzen ari dira «terrorismoa goratzea» egotzita. Hondarribian atzeman ditu Ertzaintzak, «Gora ETA militarra» mezua zuen ikurrin bat zutela, Segurtasun Sailak adierazi duenez.
Bart gauean 17 eta 19 urteko bi gazte identifikatu ditu Ertzaintzak Hondarribian (Gipuzkoa). Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak adierazi duenez, ikurrin bat zeukaten, zeinean «Gora ETA militarra» eskuz idatzirik zegoen. Sailaren arabera, Hondarribiako Udaltzaingoak ohartarazi dio Ertzaintzari mezuaz. Ertzaintzaren autoak joan dira gazteak identifikatzera, eta ikurrina kendu diete. Polizien arabera, 19 urtekoak muzin egin die identifikatzeko aginduei. Atxilotu egin dute, «agintearen agenteei eraso egitea» egotzita. Biei ikerketa zabaldu diete, «terrorismoa goratu» dutelakoan.
2023-9-11
https://www.berria.eus/albisteak/232640/rubialesek-dimisioa-eman-du.htm
Kirola
Rubialesek dimisioa eman du
Espainiako Futbol Federazioko presidente eta UEFAko presidente karguak utzi ditu. «Zain geratzeak eta hari eusteak ez du ezer onik ekarriko», adierazi du ohar bidez.
Rubialesek dimisioa eman du. Espainiako Futbol Federazioko presidente eta UEFAko presidente karguak utzi ditu. «Zain geratzeak eta hari eusteak ez du ezer onik ekarriko», adierazi du ohar bidez.
Hiru asteren ostean, dimisioa aurkeztu du Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioko presidenteak eta UEFAko presidenteordeak. Bart gauean hartu du erabakia. Erabaki bat baino gehiago hartu dira Rubialesen aurka: FIFAk 90 egunez kargugabetu zuen; TADek «larritzat» jo zuen Jennifer Hermoso Espainiako selekzioko futbolariari haren borondatearen aurka ezpainetan musu eman izana; eta Fiskaltzak kereila jarri zion joan den ostiralean, sexu erasoagatik. Prozedura horiengatik guztiengatik «argi dago ezingo naizela nire kargura itzuli»; hala adierazi du Rubialesek ohar bidez. Argudiatu duenez, «zain geratzeak eta hari eusteak ez du ezer onik ekarriko», eta, gainera, zigorrak amaitu ostean ere haren itzulera «galaraziko duten botere faktikoak daude». Egun, Pedro Rocha da federazioko presidentea behin-behinean. Rubialesek dimisioa eman ondoren, federazioak hauteskundeei ekiteko prozedura abiatu du. Urtebete ingururako hartuko du kargua Rubialesen hurrengoak. Izan ere, Olinpiar Jokoak diren aldiro izendatzen da presidente berria; heldu den udan berriro egingo dituzte hauteskundeak. Oharra kaleratu baino minutu batzuk lehenago, Piers Morgan aurkezle britainiarrak egindako elkarrizketan eman zuen berria esklusiban: «Dimisioari buruz: egin egingo dut, bai. Ezin dudalako lanean jarraitu». Bere jarrerak hirugarren pertsonei eragin diezaiekeela aitortu du. «Egoera honetan, erabakirik taxuzkoena eta egin behar dudana da». Rubialesen auziak Espainiako Federazioko beste kide bat zipriztindu du: Jorge Vilda selekzioko hautatzailea. Ez du dimisioa eman; joan den astean kargugabetu zuen federazioak. Luis Rubialesen eskutik iritsi zen kargura, eta hari txaloka aritu zen federazioko presidente gisa ez zuela dimitituko iragarri zuen agerraldian.
2023-9-11
https://www.berria.eus/albisteak/232641/aragonesen-oharra-espainiako-estatuari-amnistia-ez-da-ezeren-amaiera-izango.htm
Mundua
Aragonesen oharra Espainiako Estatuari: «Amnistia ez da ezeren amaiera izango»
Lore eskaintza egin du Kataluniako Gobernuak goizean. Arratsaldean dira urteroko manifestazioa egitekoak, Bartzelonan.
Aragonesen oharra Espainiako Estatuari: «Amnistia ez da ezeren amaiera izango». Lore eskaintza egin du Kataluniako Gobernuak goizean. Arratsaldean dira urteroko manifestazioa egitekoak, Bartzelonan.
Irailak 11 dituen aldiro, Kataluniako banderek mukuru betetzen dituzte kaleak. Diada da gaurkoa, Kataluniako aberriaren eguna. Bartzelonako Rafael Casanovaren omenezko oroitarrian lore eskaintza eginez hasi dute eguna. Bertan izan dira, besteak beste, Kataluniako Gobernuko kargudunak; ondoren, Els Segadors kantatu dute. Pere Aragones Generalitateko buruak oharra egin dio Espainiako Estatuari: «Amnistia ez da ezeren amaiera izango, baizik eta bidea urratzeko beharrezko lehenengo pausoa». ERC alderdiak arratsaldean eginiko ekitaldi politikoan egin ditu hitzok presidenteak. Kataluniak bere etorkizuna bozkatu beharko duela gaineratu du. «Herria adinez nagusia da». Beraz, haren arabera, Kataluniak aurrera egin behar du behin betiko erreferendumera, zeina estatu bihurtzeko nazioartean onarturiko galdeketa izango den. Arratsaldeko manifestazioaren irudiak zuzenean ematen ari dira, streaming bidez. Aragones bera parte hartzen ari da manifestazioan, eta «independentzia» aldarrikatzen ari da. ANC Biltzar Nazional Katalana ere goizeko lore eskaintzan izan da. Biltzarreko presidente Dolors Feliu —elkarrizketa bat eman berri dio BERRIAri—. Diada eguna izanik, Kataluniako alderdiei Espainiako Kongresuko negoziazioetan tinko eusteko eskatu die. Zehazki, ERCk eta Junts Per Catalunyak inbestidurako hautagaiari baietzik ez emateko, «ez bada argi eta garbi independentzia egiteko». Arratsalderako antolatu du ANCk Diadako manifestazioa, Bartzelonan, eta bertan parte hartzera deitu du Feliuk. Omnium Culturaleko presidente Xavier Antichek Espainiako Estatuak Kataluniarekin duen «arazoa» izan du hizpide omenaldian. Galdegin dio «autozuzenketa» egitea amnistiari dagokionez. «Independentismoak mobilizatuta irauten du konponbide demokratikoa exijitzeko», esan du Antichek. Presidenteak esan du amnistia legeak zigorturiko, epaituriko edo ikerturiko 1.432 pertsonari ezarri beharko lieketela, gutxienez. Gogoratu du, denera, 4.400 pertsona baino gehiago jazarri dituztela azken urteotan. Amnistia «lehen urratsa» baino ez litzatekeela gaineratu du. Errepublikako Kontseiluko bozeramaile Toni Castellak amnistia eta autodeterminazioa inbestidurarako baldintza gisa aldarrikatu ditu. Gehitu du konfrontaziorik gabeko negoziazioek ez dutela emaitzarik. Ikusi gehiago: Xavier Antich: «Amnistia zera da: gatazka politikoa demokratikoki konpontzeko abiapuntua» Alderdiek ere lore eskaintza aprobetxatu dute beren borondatea erakusteko. ERCko bozeramaile Marta Vilaltak indar independentistak deitu ditu «konplizitate, kontsentsu eta koordinazio guztiz» lan egitera inbestidurako negoziazioei begira. Alderdiko presidente Oriol Junquerasek «amnistia, autodeterminazioa eta independentzia» aldarrikatu ditu. Atzo, Pere Aragones Kataluniako presidenteak adierazpen instituzionala egin zuen TV3 katean. Bertan adierazi zuen amnistiak berez ez duela «konpontzen estatuarekin dagoen subiranotasun gatazka», eta irtenbidea erreferendumean datzala. Inbestiduraren bezperan, haien posizioa berretsi zuen Aragonesek: «Amnistiaren aldeko urrats erabakigarriak egitera behartzen ari gara [Espainiako] Estatuko Gobernua. [Amnistia] Ezinbestekotzat eta saihestezintzat hartzeko». Hala, soil-soilik «gatazkan» zentratutako negoziazioen alde agertu zen. Ikusi gehiago: Pere Aragones: «Juntsen esku dago ERCrekin koordinaturik negoziatu edo ez» PSCko buru Salvador Illaren ustez, Diada «katalanen izateko eta elkarrekin bizitzeko borondatea berresteko abagunea» da. CUPeko Kataluniako Parlamentuko bozeramaile Eulalia Reguantek, Madrilgo negoziazioei bainoago, bertakoari eman dio garrantzia gaur: «Nahikoa da [Espainiako] Kongresuan edo Madrilen eskean ibiltzetik: garrantzitsuena ez da han gertatzen dena, baizik hemen egiten duguna eta gertatzen dena». Arratsaldean, manifestazioa Arratsalderako deitu du ANC Biltzar Nazional Katalanak Diadako manifestazioa, Bartzelonan, Omnium Culturalen eta Errepublikako Kontseiluaren laguntzarekin. Ohitura den bezala, 17:14an hasiko da. Lau giza zutabe abiatuko dira, bata Justiziaren Hiritik, bestea Proa Eskolatik, bestea Santseko geltokitik eta laugarrena Ogasuneko egoitzatik, eta Espainia plazan elkartuko dira. «Kataluniako Errepublikak izango dituen oinarrizko balioak» ordezkatuko dituzte laurek, ANCren arabera: «hizkuntza, askatasuna, subiranotasuna eta herrialdea». Via Fora! leloa du aurtengo manifestazioak; defentsara deitzen duen Erdi Aroko adierazpide bat da. Goizeko lore eskaintzan izan da Pere Aragones Kataluniako Generalitateko presidentea, eta arratsaldeko manifestazioan ere izango da. Iaz ez zen bertan izan, «alderdi politikoen kontrakoa» zelako manifestazioa, eta ez «Espainiako Estatuaren aurkakoa». Aurten, ordea, Espainiako Gobernuari «presio egitera» bideratu dute mobilizazioa, helburua zein den argi utzita: «herrialdearen independentzia».
2023-9-11
https://www.berria.eus/albisteak/232642/kontxako-banderak-azkeneko-hamarkadako-ikusle-daturik-onenak-izan-ditu.htm
Bizigiro
Kontxako Banderak azkeneko hamarkadako ikusle daturik onenak izan ditu
Emakumezkoen estropadak %31ko ikusle kuota izan zuen —euskaldunen artean, %54,7koa—; eta gizonezkoen estropadak, %39,2koa —euskaldunen artean, %57,8koa—.
Kontxako Banderak azkeneko hamarkadako ikusle daturik onenak izan ditu. Emakumezkoen estropadak %31ko ikusle kuota izan zuen —euskaldunen artean, %54,7koa—; eta gizonezkoen estropadak, %39,2koa —euskaldunen artean, %57,8koa—.
Kontxako Banderaren bigarren jardunaldiak azkeneko urteetako ikusle daturik handienak bereganatu zituen atzo ETB1en: Arraun Lagunak taldeak irabazitako estropadak %31,7ko ikusle kuota bereganatu zuen —euskaldunen artean, %54,7koa—. Emakumezkoen estropadetan 2008tik izan den daturik handiena da hori. Urdaibaik irabazitako estropadak, bestalde, %39,3ko ikusle kuota lortu zuen —euskaldunen artean, %57,8koa—. 2002. urtetik gizonezkoen estropadak izan duen daturik handiena da hori. 10:45ean hasi eta 14:00etan amaitu zen emanaldiak 184.000 ikus-entzuleko audientzia metatua izan zuen. Gehien ikusi zen minutuan, 12:42ean, ETB1ek %46,3ko ikusle kuota izan zuen —katearen batezbestekoa %2koa izan ohi da—. EITBko webean eta aplikazioetan, bestalde, 25.227 herritarrek ikusi zuten estropada Internet bidez, zuzenean.
2023-9-11
https://www.berria.eus/albisteak/232643/seismotik-bizirik-ateratakoak-aurkitzeko-atzerako-kontaketa.htm
Mundua
Seismotik bizirik ateratakoak aurkitzeko atzerako kontaketa
Gutxienez 2.862 dira ostiral gaueko lurrikaran hildakoak Marokon, eta 2.562 zaurituak. Erreskate taldeak eta diru laguntzak bidali dituzte nazioartetik, baina zailtasun handiak dituzte hondakin artean harrapatutakoak ateratzeko.
Seismotik bizirik ateratakoak aurkitzeko atzerako kontaketa. Gutxienez 2.862 dira ostiral gaueko lurrikaran hildakoak Marokon, eta 2.562 zaurituak. Erreskate taldeak eta diru laguntzak bidali dituzte nazioartetik, baina zailtasun handiak dituzte hondakin artean harrapatutakoak ateratzeko.
Milaka lagunek hirugarrenez eman behar izan dute gaua kalean, ostiral iluntzean Marrakex hego-mendebaldea astindu zuen 6,9 graduko lurrikararen ostean. Barne Ministerioak zabaldutako datuen arabera, gutxienez 2.862 dira hildakoak, eta 2.562 zaurituak. Baina erreskate taldeek biktimen bila jarraitzen dute, eta ziurtzat jo dute datozen orduetan handitu egingo dela biktima kopurua. Izan ere, errepide asko itxita daude, eta herrixka askotara ez da laguntzarik heldu. Dena den, Rabatek nabarmendu du desagertuak aurkitzea dela orain gobernuaren lehentasuna. Tabatek armada mobilizatu du Atlas mendietan bizi diren komunitateetara laguntza bidaltzeko. Inguru haietan, bizilagunak eurak aritu dira gorpuak ateratzeko lanetan, eta, Al-Jazeera telebista kateak zabaldu duenez, hobi komunak zabaldu dituzte hilotzak lurperatzeko. Bien bitartean, nazioarteko laguntza heltzen hasia da herrialdera. Frantziak iragarri du bost milioi euro emango dizkiola Rabati, eta Txinako Gurutze Gorriak 186.400 euroko laguntza iragarri du. Erreskate lanetarako boluntarioak ere heltzen hasiak dira; besteak beste, Espainiatik eta Qatartik. Bitartean, baina, Marokoko herritarrak dira biktimei laguntzen ari direnak. Jada antolatu dute odola biltzeko egitasmo bat, eta, gobernuko iturrien arabera, 6.000 litro inguru bildu dituzte. Rabatetik ere milatik gora mediku eta erizain heldu dira Marrakexera. Estatuburuaren aurkako kritikak ere ozentzen hasiak dira herrialdean, Izan ere, joan den larunbatean heldu zen Mohamed VI.a Rabatera —Parisen zegoen irailaren 1etik—, baina oraindik ez da joan kaltetutako eremua ikustera. Azken hamarkadetako latzena Gertatu baino minutu gutxi lehenago iragarri zuen lurrikara Marokoko Geofisika Institutuak. Baina, ordu horretan, etxean edo jatetxeetan afaltzen zeuden herritar andana. Larunbatean jakinarazi zuenez, lurrikara gertatu ondoren ehunka erreplika izan ziren, baina ez ziren izan lehendabizikoa bezain handiak. Espainiako Institutuak, berriz, Marokon izan zen 4,8 graduko lurrikara baten berri eman zuen. Horrek Berrechid izan zuen erdigune, eta Espainia hegoaldean ere sumatu zen. Afrikako inguru horretan bi plaka tektonikok jotzen dute elkar, Afrikakoak eta Eurasiakoak, eta ohikoak izaten dira mugimenduak. Hildakoen eta zauritutakoen kontaketa oraindik amaitu ez bada ere, jada jakina da azken hamarkadetan Marokon izan den lurrikararik latzena izan dela. Duela 60 urte pasatxo, 1960ko otsailaren 29an, 5,7 graduko lurrikara batek Agadir hiria suntsitu zuen, eta 15.000 pertsona hil zituen. 2004ko otsailaren 24an, berriz, Al-Hoceiman 6,4ko lurrikara batean 628 hildako izan ziren. Mugatik gertu ere, Aljerian, izan zen ostiralekoaren antzeko ezbehar bat: 2003ko maiatzaren 21ean, 7,3 graduko lurrikara bat izan zen, eta 2.500 pertsona hil eta 300.000 zauritu zituen.
2023-9-11
https://www.berria.eus/albisteak/232644/laquogeroa-erabakitzeko-eskubidearaquo-aldarrikatu-dute-eajk-eta-eh-bilduk.htm
Politika
«Geroa erabakitzeko eskubidea» aldarrikatu dute EAJk eta EH Bilduk
Luke Uribe-Etxebarriak uste du «modu baketsuan, demokratikoan eta askean» erabaki behar dutela Kataluniak eta Euskal Herriak. Idurre Bidegurenek «burujabetza» galdegin du «herritarren behar izanei erantzuteko».
«Geroa erabakitzeko eskubidea» aldarrikatu dute EAJk eta EH Bilduk. Luke Uribe-Etxebarriak uste du «modu baketsuan, demokratikoan eta askean» erabaki behar dutela Kataluniak eta Euskal Herriak. Idurre Bidegurenek «burujabetza» galdegin du «herritarren behar izanei erantzuteko».
EAJk eta EH Bilduk ordezkariak bidali dituzte Diadara, eta biek ala biek egin dituzte lore eskaintzak Rafael Casanova monumentuaren aurrean, Bartzelonan. EAJko senatari Luke Uribe-Etxebarriak «Euskadi eta Kataluniaren eskubidea» aldarrikatu du haien geroa erabakitzeko, «modu baketsuan, demokratikoan eta askean». Bi nazio horiek dituzten lotura historikoak gogora ekarri ditu jeltzaleak lore eskaintza egin eta gero, kazetarien aurrean. «Europako bi herri gara, Europako bi nazio, eta aitortza eta errespetua galdegiten ditugu gure geroa erabakitzeko», esan du Uribe-Etxebarriak. EAJko senatariak «negoziazioa eta elkarrizketa» eskatu ditu hala Kataluniako nola Euskal Herriko gatazka politikoei aterabidea emateko. Amnistiaz ere galdetu diote kazetariek senatari jeltzaleari, eta Uribe-Etxebarriak haren alderdiaren «printzipioei» erreparatu die martxan den negoziazioaz aritzean: «Diskrezioa, konpromisoa, errespetua eta determinazioa». EH Bilduk ere lore eskaintza egin du Diada egunean. Idurre Bideguren koalizio abertzaleko senatariak esan du Euskal Herria eta Katalunia «oso ondo elkar ulertzen duten herri bi» direla. «Herriari eta herritarren behar izanei erantzuteko modurik onena erabakitzeko eskubidea errespetatzea dela uste dugu», esan du Bidegurenek, Bartzelonan. «Argi dugu burujabetza gehiagorekin hobeto erantzungo zaiela herriaren behar izanei». Horiek horrela, «ausardia» eskatu die Bidegurenek PSOEri eta Sumarri, Pedro Sanchezen inbestidurarako negoziazioetan. «Gobernatu nahi baldin badute, indar independentisten eskaerei erantzutea besterik ez dute, hala euskal herritarrei nola katalanei». EH Bilduko senatariaren arabera, «aukera historikoa» dago «indarrak batu eta agenda partekatua» adosteko, Euskal Herriko eta Kataluniako «gizarteei erantzuteko». Edonola ere, koalizio subiranistako senatariak uste du «egungo markoa agortua» dagoela, eta «gainditu» egin behar dela. Erantsi du «plurinazionaltasuna aitortzeko» garaia heldu dela, eta «gatazka politikoen judizializazioa» amaitu behar dela, «estaturik gabeko nazioei ateak zabalduz, geroa erabaki ahal izan dezaten». EH Bilduk «Kataluniako lagunekin» bat egiten duela azpimarratu du koalizioko senatariak, eta gogoratu du Diada «egun hunkigarria» izateaz gain «aldarrikapen eguna» ere badela.
2023-9-11
https://www.berria.eus/albisteak/232645/eitbko-irratietan-hiru-greba-egunera-deitu-dute-laquoinposizioen-aurkaraquo.htm
Bizigiro
EITBko irratietan hiru greba egunera deitu dute, «inposizioen aurka»
Hilaren 14an eta 26an eta urriaren 19an izango dira lanuzteak. Salatu dute lan hitzarmena ez dela berritu hamahiru urtean.
EITBko irratietan hiru greba egunera deitu dute, «inposizioen aurka». Hilaren 14an eta 26an eta urriaren 19an izango dira lanuzteak. Salatu dute lan hitzarmena ez dela berritu hamahiru urtean.
EITB taldeko irratietan ezinegona gailentzen ari da langileen artean. Bat baino gehiago dira ezinegonaren arrazoiak, baina gailentzen direnetako bat da hamahiru urte daramatzatela lan hitzarmena berritu gabe. «Bitartean, gainera, gure zereginak eguneratu eta egokitu behar izan ditugu, lan baldintza horiei buruz negoziatu ezinik», adierazi du ohar batean EITB Media Irratiko Zentro Arteko Batzordeak —ELA, LAB eta ESK sindikatuetako ordezkariak daude bertan—. Joan den astearen amaieran, egoeraren aurka protesta egin ala ez erabakitzeko batzarrak egin zituzten Bilboko, Gasteizko eta Donostiako egoitzetan. Eta, langile gehienen babesarekin, zentro arteko batzordeak hiru greba egunera deitu du: hilaren 14rako —ostegun honetan bertan—, 26rako, eta urriaren 19rako. «Inposizioez nazkatuta gaudela jakinarazi nahi dugu, eta aldarrikatu nahi dugu negoziazio markoa errespetatzeko, eta gure lan baldintzak hobetzeko. Egiten dugun lana aitortzea ere nahiko genuke». EITB Media Irratiko Lan Batzordeak, duela hiru hilabete, hautsitzat jo zituen hitzarmenaren gaineko negoziazioak. «Zuzendaritzak, aldebakarrez, bere plataformako puntuetako bat inposatu du, eta berdin izan dio erabaki horrekin lan poltsaren kontratazio baldintzak bertan behera utzi izana», diote langileen ordezkariek. Badira langileen artean kezka sortu duten beste erabaki batzuk; esate baterako, Radio Euskadiko Boulevard irratsaioa ETB2 katean hasi dira zuzenean ematen, 07:00etatik 09:00etara. «Hori egin ahal izateko, langileen irudi eskubideak aitortu gabe utzi dituzte», dio zentro arteko batzordeak. «Erabaki horren kontrako jarrera irmoa erakutsi dugu behin eta berriro, eta zuzendaritza jakinaren gainean zegoen lehendik ere». Adibidetzat jo dute Gaztea irratiko langileek, negoziaziorik ezean, uko egin ziotela irudi bidezko irratiaren proiektuari. Lan kargak eta beste Langileen ordezkariek EITBko zuzendaritzaren «inposaketa» adibide gehiago eman dituzte, eta lan arloko beste salaketa batzuk egin. «Azkeneko gertaerek urte askoko lana pikutara bidaltzen dute: hain zuzen, irrati publikoaren kalitatea bermatzeko langileek egindako lan nekaezina». Beste puntu hauek aipatu dituzte, egoeraren erakusgarri: «Kontuan izan behar da txanden aldaketa, zereginen areagotzea, baita lan kargari dagozkion erabakiak enpresaren beharren arabera moldatu direla ere». Enpresaren beharrak bai, baina langileen egoera ez dela aintzat hartu salatu dute. «Negoziatu gabe egin dute hori guztia, eta langileek ordainetan ezer jaso gabe». Greba deialdiak egun esanguratsuetarako egin dituzte: ostegunean politika orokorrari buruzko eztabaida egingo da Eusko Legebiltzarrean; eta hilaren 26an, Alberto Nuñez Feijooren inbestiduraren gaineko eztabaida egingo dute Espainiako Kongresuan.
2023-9-11
https://www.berria.eus/albisteak/232646/laquoorain-eta-beti-allende-presenteraquo.htm
Mundua
«Orain eta beti, Allende presente»
Allenderen kontrako estatu kolpearen 50. urteurrena da gaur, eta minutu bateko isilunearekin gogoratu dute Moneda bonbardatzen hasi zireneko unea. Atzo milaka txiletar atera ziren kalera diktaduraren biktimak gogoratzeko. Gabriel Boric Txileko presidentea manifestazioari batu zitzaion Monedatik pasatu denean. Milaka emakume presidentearen egoitzaren aurrean bildu dira gauez, beltzez jantzita eta kandelak eskuan.
«Orain eta beti, Allende presente». Allenderen kontrako estatu kolpearen 50. urteurrena da gaur, eta minutu bateko isilunearekin gogoratu dute Moneda bonbardatzen hasi zireneko unea. Atzo milaka txiletar atera ziren kalera diktaduraren biktimak gogoratzeko. Gabriel Boric Txileko presidentea manifestazioari batu zitzaion Monedatik pasatu denean. Milaka emakume presidentearen egoitzaren aurrean bildu dira gauez, beltzez jantzita eta kandelak eskuan.
Txilek minutu bateko isilune bat gorde du Salvador Allenderen kontrako estatu kolpearen 50. urteurrenean. 1973ko irailaren 11an 07:00etan altxatu ziren militarrak, AEBen laguntzarekin, Herri Batasunaren gobernuaren kontra, eta 11:52ean hasi ziren Moneda jauregia bonbardatzen, Allende presidentearen egoitza. 2023ko irailaren 11an ordu horretan (16:52ak, Euskal Herrian) milaka txiletar egiten ari zirena utzi eta isilik geratu dira minutu batez. Dolu eguna izendatu du Gabriel Boricen gobernuak irailaren 11. Moneda jauregian, Santiagon, Txileko Gobernuak antolatuta, ekitaldi instituzional bat egin dute urteurrena gogoratzeko, nazioarteko hainbat gonbidaturen presentziarekin. Han izan dira, besteak beste, Andres Manuel Lopez Obrador Mexikoko presidentea, Gustavo Petro Kolonbiakoa, Luis Arce Boliviakoa, Alberto Fernandez Argentinakoa, Luis Lacalle Pou Uruguaikoa, Antonio Costa Portugalgo lehen ministroa, eta Christopher Dodd, Joe Biden AEBetako presidenteak Ameriketarako duen aholkularia, Gabriel Boric Txilek presidentearekin batera. Ikusi gehiago: Txilek AEBei galdetu die desklasifika dezatela kolpe horretan eta diktaduran jokatu zuten rolari buruzko informazio gehigarria 11:52ak iritsi direnean ekitaldia eten dute Monedan, eta kanpai-hots batzuek iragarri dute minutu bateko isilunearen hasiera. Batzuek ukabila altxatuta egin dute, Augusto Pinocheten diktadurak hil eta desagerrarazi zituztenen argazkiak eskuan. Isilunea amaitu denean, biktimen senideen oihuak entzun dira: «Orain eta beti, Allende presente», «Allende presente dago» eta «garaipenera arte, beti». Minutu bateko isilunearen ostean Isabel Allendek hartu du hitza, Salvadorren alabak. Aitaz hitz egiterakoan, hitzaldia eten behar izan du, hunkituta. «Aitaren ingurukoen artetik goiz horretan Moneda sartu nintzen azkena izan nintzen. Militarren altxamenduaren berri izan nuen, eta senarra geratu zen haurrekin. Astearte hotz eta gris bat zen, eta Morande kaleko 80. zenbakiko atetik sartu nintzen; hori erabiltzen zuen aitak». Isabel Allende: «Demokrazia eta etorkizuna da memoria» Allendek ordu horietan Monedan bizi izandako momentuak gogoratu ditu, eta gogoan izan ditu, aitarentzat lanean ari zirenek, euren ardurak baino gehiago eginez, haren ondoan geratzeko hartu zuten erabakia. Baita Tati ahizpa ere. «Hegazkinak Moneda bonbardatzera zihoazenean aitak joateko erregutu zigun eta han gertatutakoa kontatzeko. Ez dut inoiz haren azken besarkada ahaztuko». Bere hitzaldian esan du memoria lehen pauso bat dela egiara iristeko, baina gehiago behar direla justizia, erreparazioa eta egun horretan gertatu zena berriro ez dela errepikatuko bermatzeko. Salvador Allenderen alabak gogor kritikatu du azken hilabeteetan eskuinak zabaldu duen errebisionismoa. «Benetako arduradunak Moneda bonbardatu eta hil eta torturatu zutenak dira. Baita isilik geratu zirenak ere. Demokrazia eta etorkizuna da memoria». Bere hitzaldian aitaren hainbat aipu egin ditu: «Historia gurea da eta herriek egiten dute». Allendek presidentetzat hartu zuenean Txileko egoera zein zen laburbildu du, eta bere aita pobrezian bizi ziren milaka txiletarren itxaropena bihurtu zela adierazi du. Herri Batasunaren gobernuaren erabakiak zerrendatzen hasi denean eten bat egin behar izan du txalo zaparrada batek behartuta. Isabel Allendek besarkada bat luzatu die oholtzatik diktaduraren biktima guztiei. 1973 eta 1989 urteen artean 3.200 atxilotutik gora hil edo desagerrarazi eta 40.000 lagunetik gora torturatu zituzten militarrek Augusto Pinochet jeneralaren diktaturan. Allendek gogoan izan ditu baita nazioarteko ordezkariak. Eskerrak eman dizkie ekitaldira joan direnei, eta azpimarratu du herrialde horietako enbaxadak ezinbestekoak izan zirela «basakeriaren kontra», Txile barruan izan duten funtzioagatik eta euren herrialdeetan milaka txiletar hartu zituztelako, zeintzuek, bere esanetan, josi zuten gero demokraziarako sarea erbestetik. Bi herrialde nabarmendu ditu, gainera, Allendek: Mexiko eta Kuba. Bi herrialde horietan hartu zuen babes Allende familiak estatu kolpearen ondoren. Allenderen ostean, Boric presidenteak hartu du hitza. Oihu artean hartu dute: «Boric laguna, herria zurekin», oihukatu dute giza eskubideen elkarteetako ordezkariek. Hunkituta hitz egin du Boricek ere. Bere hitzaldian eskatu du ez dezala inoiz gehiago indarkeriak eztabaida demokratikoa eten, eta 50. urteurren hau elkarbizitza indartzeko aukera bat dela aldarrikatu du. «Gaur Txileren eta munduaren aurrean esaten dugu: demokrazia orain eta beti», adierazi du. Milaka txiletar manifestatu ziren atzo Urteurreneko ekitaldi esanguratsuenetako batzuk, baina, atzo egin ziren. Santiagon milaka txiletar atera ziren kalera diktaduran hildakoak eta torturatutakoak gogoratzeko, eta, manifestazioa Moneda jauregira iritsi zenean, Boric presidentea eta Txileko Gobernuko eta sostengatzen duten alderdietako hainbat kide gehitu zitzaizkien: Camila Vallejo bozeramailea, Txileko Alderdi Komunistako ordezkariak, eta hildakoen eta desagerrarazitakoen senideen elkarteak. Manifestazioan, Victor Jararen abestiak eta ezkerreko hainbat ereserki kantatu zituzten, eta «Allende, presente» eta «hildako desagerraraziak, presente» oihukatu zuten. Moneda jauregira iritsi zenean, manifestazioa Morande kaleko 80. ataritik pasatu zen, Allenderen gorpua Monedatik atera zuten tokitik; diktadura amaitu zenetik lehen aldia izan da hilak eta torturatuak gogoan dituen protesta bat hortik pasatzen dela. Ikusi gehiago: Victor Jara hiltzea egotzita, 25 urteko kartzela zigor irmoa ezarri diete zazpi militarri «Harro hartu dut parte manifestazioan, bai baitakit egiaren eta justiziaren alde egin duten borrokari esker gaudela gu hemen. Herrialde honek asko zor die senide hauei, eta horregatik abiatu dugu Bilatzeko Plan Nazionala», esan zuen Boricek atzo. Abuztuaren 30ean jarri zuen Txileko Gobernuak plan hori, desagertuta jarraitzen duten atxilotuen gorpuak aurkitzeko. Moneda jauregian Allenderen gorpua aurkitu zuten tokian plaka bat jarri dute, eta, haren ondoan, betiko jarri dituzte hil zen egunean zituen zapatak, kutxa batean. «Demokraziaren eta zuzenbide estatuaren alde hil zen, eta haren ibilbidea adierazten duen objektu batekin gogoratzen dugu: herriak eman zion mandatua betetzeko erabakia azkeneraino eraman zuen», adierazi zuen Isabel Allendek, haren alabak. Monedako hitzaldian ere eskertu egin zituen keinu horiek. Recoleta hilerrian amaitu zen martxa, eta, barruan, lore eskaintza bat egin zuten diktaduran militarrek desagerrarazi zituztenak gogoratzeko. «Nire aita hil egin zuten, desagerrarazi egin zuten. Ez dut nahi hori berriro gertatzerik, ez dut nahi nire semeek guk sufritu genuen infermua sufritzea», adierazi zuen MIR mugimenduko kide baten alabak. «Gizatasun kontu bat da. Torturatu eta hil zutenak ez ziren gizakiak, basapiztiak ziren. Eta, gaur egun, hainbeste froga eta min agerikoak izanik, hura ukatzen dutenak eta justifikatzen dutenak ere hori bera dira», gehitu zuen. Izan ere, 50. urteurrenaren harira, eskuineko hainbat ordezkari estatu kolpea justifikatzen saiatu dira eta Allende errudun egin nahi izan dute. Emakumeak, beltzez jantzita eta kandelak eskuan Martxakoak ez ziren atzoko une hunkigarri bakarrak izan. Igande gauean milaka emakume bildu ziren Moneda jauregiaren aurrean beltzez jantzita eta kandelak eskuan. Inoiz gehiago ez lelopean elkartu ziren, eskubide zibilen eta giza eskubideen aldeko 50 elkartek baino gehiagok deitu duten Demokrazia ez dadin inoiz gehiago bonbardatua izan ekitaldi sortaren barruan. Elkarte feministetan aspaldi egin zuten ekitaldirako deialdia. «Hildako emakumeak, haurdun zeudenak, amak... eta 50 urte hauek eta gero, desagertuta jarraitzen duten guztiak gogoratzeko egin zen. Oraindik oso mingarria baita hori Txilerentzat», adierazi zuen parte hartzaileetako batek. Ekitaldiak iragarpen guztiak gainditu zituen. Carolina Arrendondo Kultura ministroak ere ekitaldi horretan parte hartu zuen, eta nabarmendu zuen nolako garrantzia duen horrelako ekitaldietan parte hartzeak, memoria eta demokrazia babesteko. Parte hartzaileetako batzuk Moneda jauregian sartu ahal izan ziren, eta han kandelak jarri zituzten, patioan.
2023-9-11
https://www.berria.eus/albisteak/232647/bildarratzek-esan-du-hezkuntza-legea-bideratuta-dagoela.htm
Gizartea
Bildarratzek esan du Hezkuntza Legea «bideratuta» dagoela
Sailburuak espero du eskola garraioarekin dagoen arazoa «oso azkar» konpontzea. Hezkuntza Sailaren arabera, zerbitzu guztiak eman dituzte Gipuzkoan; %60 inguru Araban; eta %10 Bizkaian.
Bildarratzek esan du Hezkuntza Legea «bideratuta» dagoela. Sailburuak espero du eskola garraioarekin dagoen arazoa «oso azkar» konpontzea. Hezkuntza Sailaren arabera, zerbitzu guztiak eman dituzte Gipuzkoan; %60 inguru Araban; eta %10 Bizkaian.
Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak legealdiko lege garrantzitsuenetako bat izan du hizpide: Hezkuntza Lege berriaz aritu da Onda Vasca irratian. Haren esanetan, legea «bideratuta» dago, eta espero du EAJren, PSE-EEren eta EH Bilduren babesarekin onartzea. Prozesuaren nondik norakoen berri ere eman du sailburuak. Azaldu duenez, lege proiektua Eusko Legebiltzarraren esku dago, jadanik «azken faseetan». Eta, haren esanetan, badaude «zumeak» EAJren, PSE-EEren eta EH Bilduren babesarekin onartzeko. Hala izango balitz, gogorarazi du legebiltzarkideen %80k babestuko luketela. Garraioaren gatazaka Legeaz ez ezik, garraio enpresekin dituzten arazoez ere mintzatu da. Espero du gatazka «oso azkar» konponduko dela, eta nabarmendu du garraiolariek bete beharra daukatela Eusko Jaurlaritzaren agindua. Azaldu duenez, enpresei gastu erreala eta %6 gehiago ordainduko diete eta ezin dutela esan ez direla gastuak ordaintzera iristen. Eta kritika egin du: «Ezin dut ulertu enpresa batzuek familiak bahitu gisa erabiltzea». Bitartean, garraio enpresek zerbitzua ez ematea erabaki izana ari da ondorioak izaten. Zuhatzako (Araba) Etxaurren ikastolan, adibidez, gaur haurrak eskolara ez eramatea erabaki dute. Bihar berriz, umeak gurasoek eramango dituzte ikastetxera, baina protesta egingo dute sarreran. Hezkuntza Sailak BERRIAri emmandako datuen arabera, zerbitzu guztiak eman dituzte Gipuzkoan; %60 inguru Araban; eta %10 Bizkaian.
2023-9-11
https://www.berria.eus/albisteak/232648/sumar-proiektu-laquoautonomoraquo-batekin-aurkeztuko-da-eusko-legebiltzarrerako-bozetara.htm
Politika
Sumar proiektu «autonomo» batekin aurkeztuko da Eusko Legebiltzarrerako bozetara
Lander Martinezen arabera, proiektuak gaitasuna izango du «demokrazian sinesten duen edozeinekin elkarrizketak izateko». Lehendakarigaia nor izango den ez dute zehaztu.
Sumar proiektu «autonomo» batekin aurkeztuko da Eusko Legebiltzarrerako bozetara. Lander Martinezen arabera, proiektuak gaitasuna izango du «demokrazian sinesten duen edozeinekin elkarrizketak izateko». Lehendakarigaia nor izango den ez dute zehaztu.
Datorren urterako aurreikusten diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara aurkeztuko da Sumar. Hala adierazi du gaur goizean Lander Martinez Sumarren Bizkaiko diputatuak, Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean. Haren arabera, proiektu «autonomo» bat aurkeztuko dute, eta «harreman argia» izango du Sumarrekin, bera baita «bidea ezartzen» duena. Martinezek azaldu duenez, oraindik ez dute proiektuaren izena adostu. Helburua ez da bakarrik hauteskunde batzuetara aurkeztea: ibilbide luzeko egitasmo politiko bat sortu nahi dute, «hamar edo hamabost urtekoa». Era berean, Martinezek adierazi du proiektuak gaitasuna izango duela «demokrazian eta gizarte eraldaketan sinesten duen edozeinekin elkarrizketak izateko». Lehendakarigaia ez dute aukeratu, eta «barne sufragioa egiteko modua» ere ez. Martinezek esan du bi kontuak «bete beharreko ibilbidearen» parte direla; eta gehitu du «konplexua dela alderdi ugarirekin koalizio bat sortzea». Martinez Elkarrekin Podemoseko idazkari nagusia izan zen, duela lau urte dimisioa eman zuen arte. Hautagai izango ote den galdetuta, erantzun du «oraindik» ez duela erabaki. Elkarrekin Podemos-IUk Sumarrekin hitz egingo du Pilar Garrido Ahal Dugu-ko Euskal Autonomia Erkidegoko idazkari nagusiak esan du Elkarrekin Podemos-IU koalizioko eragileak prest daudela Sumarrekin hitz egiteko. Nabarmendu duenez, «batasuna da hauteskundeei aurre egiteko» modurik onena. Sumarrekin bat egiteak «gizarte eraldaketarako tresna indartsuago bat» sortzea eragingo du. Garridok agerraldia egin du gaur Bilbon, urte politikoari hasiera emateko bilera egin ostean. Eta bertan esan du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan «aldaketei» buruz hitz egiteko garaia dela: «Gero eta nabarmenagoa da Eusko Jaurlaritzaren gaitasun eza, euskal gizartearen erronkei aurre egiteko». Zerbitzu publikoak «ahultzen» ari direla gaineratu du. Eta adibide gisa jarri ditu Osakidetzaren eta eskola garraioaren auziak. Koalizioarentzat PSE-EEren eta EAJren eredua «iraungita» dago, eta ez ditu bermatzen «oso oinarrizkoak diren zerbitzuak».
2023-9-11
https://www.berria.eus/albisteak/232649/urkulluk-dio-autogobernua-eta-euskara-direla-etorkizuneko-proiektuaren-gakoak.htm
Politika
Urkulluk dio autogobernua eta euskara direla «etorkizuneko proiektuaren» gakoak
Datorren ostegunean eginen da Politika Orokorrari buruzko eztabaida, baina gaur zabaldu dute lehendakariaren solasaldiaren laburpena.
Urkulluk dio autogobernua eta euskara direla «etorkizuneko proiektuaren» gakoak. Datorren ostegunean eginen da Politika Orokorrari buruzko eztabaida, baina gaur zabaldu dute lehendakariaren solasaldiaren laburpena.
Euskara, autogobernua eta «Euskadik Europako Batasunean parte hartzea» dira Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak «Euskadiren etorkizuneko proiekturako» planteatu dituen zutabe nagusiak. Datorren ostegunean eginen den Politika Orokorrari buruzko eztabaidan horiez mintzatuko den arren, gaur zabaldu du bere solasaldiaren laburpena. Euskararen zutabeari dagokionez, dokumentuak zehazten du Jaurlaritza Euskararen Sustapenerako Ekintza Plan berria garatzen ari dela, eta legealdia amaitu baino lehen onartuko dutela. Plan berri horrek zehaztuko du zein izanen den «hurrengo hamar urteetan hizkuntza politikak hartu behar duen norabidea», eta Euskararen Aholku Batzordean lantzen ari dira. Autogobernua «orainaren eta etorkizunaren giltzarria» dela dio Urkulluk, baina «azken urteetako balantzea gazi-gozoa» dela. Alderdi positiboen artean nabarmendu du Autogobernuaren Ponentziaren barruan aurrerapenak egon zirela estatutua erreformatzeko –legealdi honetan gelditu direnak–. Hala ere, «ez ziren nahikoak izan arau akordio bat lortzeko, baina ziur nago funtsezkoak izango direla etorkizuneko adostasunei eusteko». Alderdi negatiboez ere mintzo da Urkullu, eta «autogobernua higatzeko baliatzen diren bideak eta moduak askotarikoak» direla dio. Zehazki, bost adibide emanen ditu. Lehenbizikoa «[Espainiako] Estatuaren araugintza hegemoniaren zabalkundea» da. Espainiako Konstituzio Auzitegiaren jurisprudentziari buruzkoa da bigarrena; lehendakariaren erranetan, «gero eta murriztaileagoa da, eskumen autonomikoen kaltetan». EAE Euskal Autonomia Erkidegoak Europar Batasunean duen parte hartzea Espainiak «bultzatu» behar duela dio Urkulluk, «autogobernuaren berezko ezaugarri argia» delako. Euskaraz mintzo da laugarren adibidea: «Ezin dugu alde batera utzi azken urte hauetan auzitegi batzuek daramaten ekinbide tematsua euskararen inguruko administrazio jarduerak etengabe zalantzan jarriz. Euskara, Gernikako Estatutuaren 6. artikuluaren arabera, bi hizkuntza ofizialetako bat da». Azkenik, «egiteko dauden transferentziak osorik ez onartzea». Europako Batasuneko parte hartzea da «Euskadiren etorkizuneko proiekturako» azkeneko zutabea. Urkulluk dio «Euskadik Europako Batasunean parte har dezan lanean» ari direla: «Eusko Jaurlaritza lehen lerroan dago Ardatz Atlantikoaren interesen defentsan Europan. Eskualde eta nazio atlantikoek zuzenean parte hartzen duten ekimen bat sustatzen dugu, trantsizio hirukoitza (berdea, digitala eta soziala) aurrera eramateko». Europako Atlantikoko lurraldeetako erakunde eta eragileekin aliantzak egiten ari dira, «makroeskualde atlantikoaren proposamena» dutela ardatz. «Gure autogobernuaren osasuna eta nazioartekotzeko dugun gaitasuna funtsezkoak izango dira gure herriaren etorkizunerako», borobildu du. Balantzea Etorkizuneko ikuspegia datorren osteguneko hitzaldiaren hiru zutabeetako bat bertzerik ez da izanen. Lehenbiziko bi ataletan nazioarte mailako eraldaketa ekonomikoen, sozialen eta politikoen azterketa, eta Jaurlaritzaren konpromisoen balantzea eginen ditu lehendakariak. Hala, gogoratuko du legealdia hasi zutela pandemiarekin eta Ukrainako gerrarekin. Hala ere, gizarteak «aparteko garai» horri aurre egin diola dio: «Kostua oso handia izan da (humanoa, emozionala eta sozioekonomikoa), baina gainditzen ari gara». Legegintzaldian 36 lege proiektu onartzea aurreikusten zuten, horietatik 34 onartu dituzte, eta falta direnak onartzeko zain daude. Horrez gain, Eusko Legebiltzarrak 35 lege onartu ditu legegintzaldian. Horien %67 oposizioko talderen bateko aldeko botoarekin eta %17a abstentzioarekin. «Datu horrek agerian uzten du badagoela borondate bat, etengabe, adostasunak estuago lotzeko; alegia, Jaurlaritza babesten duten legebiltzar taldeek ordezkatzen duten gehiengo osotik harago», dio lehendakariak. Jaurlaritzak planteatutako hamar helburuez ere mintzatuko da Urkullu. Zehazki, horietako biren inguruan: jaiotza tasak %10 handitzea eta energia berriztagarrien kuota energiaren azken kontsumoaren %20 izatea. «Emaitzek erakusten dute oraindik ere beharrezkoa dela arlo horietako politika publikoak indartzen jarraitzea», borobildu du.
2023-9-11
https://www.berria.eus/albisteak/232650/hazkunde-aurreikuspena-apaldu-egin-du-europako-batzordeak.htm
Ekonomia
Hazkunde aurreikuspena apaldu egin du Europako Batzordeak
Euroguneko ekonomia aurten %0,8 haziko dela uste du, udaberrian %1,1 handituko zela iragarri bazuen ere. Inflazioa %5,6era jaitsiko da, eta diru politika zurrunak ekonomia geldotzen jarraituko du.
Hazkunde aurreikuspena apaldu egin du Europako Batzordeak. Euroguneko ekonomia aurten %0,8 haziko dela uste du, udaberrian %1,1 handituko zela iragarri bazuen ere. Inflazioa %5,6era jaitsiko da, eta diru politika zurrunak ekonomia geldotzen jarraituko du.
Europako eta euroguneko ekonomiak ahul jarraitzen du, nahiz eta hazten segitu. Horregatik, Europako Batzordeak apaldu egin ditu maiatzean urte honetarako egindako hazkunde aurreikuspenak, eta baita datorren urterako iragarpenak ere. Hala, Bruselak uste du aurten Europako barne produktu gordina %0,8 handituko dela —maiatzeko %1etik—, eta 2024ko hazkundea %1,4koa izango dela —%1,7tik—. Euroguneko ekonomiarentzako iragarpenak ere neurri bertsuan apaldu ditu; 2023an eurogunean barne produktu gordinak %0,8ko hazkundearekin itxiko du urtea —maiatzeko %1,1eko iragarpenetik behera—, eta 2024an %1,3ko hazkundea izango da, maiatzean %1,6koa iragarri bazuen ere. Inflazioak behera egiten jarraituko duela iragarri du Bruselak, baina oraindik goian ibiliko da. Europako inflazio harmonizatua %6,5an geldituko da aurten, eta %3,2an datorren urtean. Eurogunerako apalagoak dira datuak: inflazio harmonizatua %5,6ra jaitsiko da aurten, eta %2,9ra datorren urtean. Eskari ahula Hazkunde apalagoaren iturrian, barne eskari eta kanpoko eskari ahulagoak daude. Inflazioak uste baino ondorio handiagoak ekarri dizkio Batasuneko kontsumoari, nahiz eta energia prezioak murriztu diren eta lan merkatu sendoarekin soldatak igo diren. Ekonomia dagoeneko igartzen ari da inflazioari aurre egiteko martxan jarritako diru politika zurrunagoaren eta kredituen murrizketaren eragina. «Industria ahul dago, eta zerbitzuak, motel, nahiz eta udan turismoaren alorra sendo ibili den herrialde askotan». Kanpo eskarian, berriz, munduko ekonomian gauzak hobetoxeago joan diren arren —Txinaren geldotzea gorabehera—, hortik ez da egon eta ez da espero bultzada handirik Europako jarduera ekonomikoarentzat. Horiek horrela, ekonomiaren gaur egungo ahulezia 2024. urtera ere luzatzea espero du Bruselak, nahiz eta goraldi txiki bat iragarri, inflazio apalxeagoa eta lan merkatu indartsua direla eta. Inflazioari buruzko aurreikuspenetan, aurten energiaren prezioak merkatuko badira ere, jaitsiera motelagoa izango da orain artekoa baino. Hurrengo urterako, energia garestiagoa aurreikusten du Bruselak, batez ere petrolio garestiagoaren ondorioz. Elikagaien eta industria gaien prezioek ere behera egitea espero du, eta zerbitzuetako inflazioaz uste du diru politika zurrunarekin joango direla prezio horiek ere txikitzen, orain arte iragarri baino iraunkorragoak izan badira ere. Arriskuak Bruselak esan du Ukrainako gerrak eta beste tentsio geopolitikoek ziurgabetasun handia gehitzen dietela iragarpenei. Uste du, era berean, diru politika zurrunak uste baino pisu handiagoa izan dezaketela jarduera ekonomikoan, baina era berean, inflazioa azkarrago apaltzea ekartzen badu, herritarren diru sarreren mesederako. Bruselaren arabera, aurreikuspenetan pisua izan dute klimari loturiko arriskuek ere, «uda honetako muturreko eguraldiak, eta inoiz ez bezalako sute eta uholdeek».
2023-9-11
https://www.berria.eus/albisteak/232651/lizarra-garazi-laquooroitzapen-txarraraquo-da-estebanentzat.htm
Politika
Lizarra-Garazi «oroitzapen txarra» da Estebanentzat
Bihar 25 urte beteko dira Lizarrako adierazpena aurkeztu zutenetik, eta, prozesu horren harira, EAJko diputatu Aitor Estebanek esan du ez zela izan «esperientzia ona».
Lizarra-Garazi «oroitzapen txarra» da Estebanentzat. Bihar 25 urte beteko dira Lizarrako adierazpena aurkeztu zutenetik, eta, prozesu horren harira, EAJko diputatu Aitor Estebanek esan du ez zela izan «esperientzia ona».
Espainiako Kongresuko EAJko bozeramaile Aitor Estebanek ez du oroitzapen onik Lizarra-Garaziko prozesuari lotuta. Harentzat, «oroitzapen txarra» da; «ez zen esperientzia ona izan», esan du ETB1ean emandako elkarrizketa batean. Lizarra-Garazi mugarria izan zen estreinako aldiz hainbat alderdiren eta eragileren adostasuna lortu zuelako, baina, azkenean, zapuztu egin zen. EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik prozesu horren «norabidea» berreskuratzeko deia egin du, baina Esteban ez dago horren alde. «Nik, nire aldetik, oroitzapen txarra dut, zeren eta, azkenean, nahi izan zuenean, ETA joan egin zen, eta ezker abertzaleak ez zuen ihesaldi hori gaitzetsi; eta ez zuen egin, gainera, Blanco teniente koronela hiltzen joan zenean». Estebanek uste du Lizarra-Garaziko itunean «denen konpromiso handia» egon zela, «eta nire alderdi guztiarena, bakea benetan lortzeko». Baina prozesua zapuztu egin zen «ETAren eta ezker abertzalearen aldetik interes politikoa» egon zelako, EAJko diputatuaren arabera: «Irudi bat eman nahi izan zuten, eta, gero, joan egin ziren». Ikusi gehiago: Lizarra-Garazik 25 urte: 'Hesiak zubi bilakatuta' Edonola ere, «nazio gisa» defendatu behar da Euskal Herria, Estebanen ustez: «Esan beharrik ere ez dago». «Niretzat ere zazpi lurralde dira, nahiz eta egoera desberdinak dituzten», jarraitu du. EAJk «beti» defendatu du, Estebanek azaldu duenez, «dinamika desberdinak» egon behar direla Euskal Herriko lurraldeetan: «Oraindik gogoan dut ezker abertzaleak leporatzen zigula Nafarroarekin ez genuela ardurarik, eta bakarrik hiru lurralde zeudela guretzat». Estebanek nabarmendu du EH Bilduk beste estrategia bat duela orain. «Haiek sartu ziren gure dinamikan. Azkenean, hiru esparru baitaude, egia bat da hori, eta aurrera egin nahi baduzu, esparru bakoitzera egokitu behar duzu». EAJko Kongresuko bozeramaileak erantsi du «zazpi lurraldeei» begiratu behar zaiela, «baina kontuan hartuta ez dela bihar goizerako gauza bat izango». «Jendeari egia esan behar zaio», osatu du bere ekarpena.
2023-9-11
https://www.berria.eus/albisteak/232652/habek-doako-ikastaroak-eskainiko-dizkie-16-eta-18-urte-artekoei-euskarazko-komunikazioa-hobetzeko.htm
Gizartea
HABEk doako ikastaroak eskainiko dizkie 16 eta 18 urte artekoei, euskarazko komunikazioa hobetzeko
Helburua da C1 maila hobetu nahi dutenen gaitasuna hobetzea, azterketa probarik egin gabe. Matrikulazio kanpaina ireki da euskaltegietan.
HABEk doako ikastaroak eskainiko dizkie 16 eta 18 urte artekoei, euskarazko komunikazioa hobetzeko. Helburua da C1 maila hobetu nahi dutenen gaitasuna hobetzea, azterketa probarik egin gabe. Matrikulazio kanpaina ireki da euskaltegietan.
Euskara ikastea gero eta errazagoa leloa hartuta abiatu du matrikulazio kanpaina HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak. Mezu argi bat helarazita hasi dute euskaltegiek ikasturte berria: herritarrak euskaltegian izena ematera animatu dituzte, bereziki inoiz euskaltegi batera joan ez direnak edo nahi duten komunikazio mailara iritsi ez direnak. Ideia horrekin lotuta dago kanpainaren leloa, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak gaur azpimarratu duenez. Zupiriak herritarrak animatu ditu euskaltegietan izena ematera, «euskara ikastea merezi duelako, bide eta munduaren ikuspegi berriak irekiko dituelako». Gasteizko Udaberria euskaltegian aurkeztu dute HABEren matrikulazio kanpaina; han izan dira Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaran, Udaberria euskaltegiko zuzendari Rakel Larrazabal, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako aldundietako eta Bilboko udaleko ordezkariak, UEMAkoak eta euskaltegietako ordezkari eta ikasleak. HABEren euskaltegiek izango dituzte berrikuntzarik ikasturte berrian. Gazteen euskarazko komunikazioa hobetu aldera, doako ikastaroak eskainiko dizkiete 16 eta 18 urte arteko gazteei. Helburua da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzen dutenean euskarazko komunikazioaren ezagutza maila «handitzea» eta «sendotzea», era horretan, goi mailako prestakuntza profesionala edo unibertsitatekoa hasterakoan edo lan merkatuan murgiltzerakoan euskarazko komunikazio maila egokia izan dezaten. «16 eta 18 urte arteko gazteei lanabesak eman nahi dizkiegu hizkuntza ez dadin traba izan etorkizunari buruzko erabakiak hartu behar dituztenean», azaldu du Zupiriak. Azterketa probarik egiteko beharrizanik ez dute izango izena ematen dutenek, baina gutxieneko asistentzia bat bermatu beharko dute. Ikastaroak ia doakoak izango dira, ikasleek 20 euroko matrikula baino ez dutelako ordaindu behar. Jaurlaritzak 850.000 euro jarriko ditu programa berrirako. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak matrikulazioaren doakotasuna sustatzen jarraituko duela azpimarratu du Zupiriak. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 3,7 milioi euro jarriko ditu doakotasun hori bermatzeko. Gaur egun, B2 maila arteko matrikulazioa doakoa da, baita C1 maila egiaztatzen duten 16 eta 30 urte arteko gazteena ere, betiere eskatzen diren baldintzak bete eta maila gaindituz gero. Zailtasun ekonomikoak dituzten ikasleak laguntzeko asmoz, gainera, maila lortu duten ikasle gehienei irailera aurreratuko diete diru laguntza. Abuztura arte, 5.324 ikaslek eskatua zuten diru laguntza. Jaurlaritzak beste epealdi bat ireki du laguntza horiek eskatzeko; azaroaren 6ra arte egongo da horretarako aukera. Irakasleen baldintzak Halaber, euskaltegi pribatuetako eta zentro homologatuetako irakasleen lan baldintzak hobetzea izango du Jaurlaritzak lehentasunen artean, Zupiriak azpimarratu duenez. Haren hitzetan, iaz hasi zen Jaurlaritza baldintza horiek hobetzeko lanean, eta ikasturte berrian 90 milioi eurotik gorako inbertsioa egingo du xede horrekin. «Helburua da euskaltegi pribatuetako irakasleen lan baldintzak hobetzea eta udal euskaltegietako irakasleekin dagoen aldea gutxitzea», esplikatu du. Horrez gain, sailburuak nabarmendu du inbertsioen artean 170.000 euro jarriko dituztela 39 udal euskaltegietan arbel digitalak erosteko. Udaberria euskaltegiko zuzendari Rakel Larrazabalek, berriz, azpimarratu du euskaltegien eta erakundeen arteko «lankidetza sendotzea» ezinbestekoa dela. Uste du euskara «modu naturalean» irekitzeko bideak lagundu behar direla, eta euskaltegiek eta gizarteak «norabide berean» arraun egin dezaten irakasleek tresna eta baliabide nahikoak behar dituztela.
2023-9-11
https://www.berria.eus/albisteak/232653/ertzaintzak-bi-familia-etxegabetu-ditu-gasteizko-prado-kalean.htm
Gizartea
Ertzaintzak bi familia etxegabetu ditu Gasteizko Prado kalean
Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak salatu duenez, familia horiek «argirik, erroldarik eta kontraturik gabe» bizi ziren, talde kriminal baten iruzurraren biktima izan ostean. Bihar beste etxegabetze bat izango da Idiazabalen.
Ertzaintzak bi familia etxegabetu ditu Gasteizko Prado kalean. Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak salatu duenez, familia horiek «argirik, erroldarik eta kontraturik gabe» bizi ziren, talde kriminal baten iruzurraren biktima izan ostean. Bihar beste etxegabetze bat izango da Idiazabalen.
Ertzaintzak eta Gasteizko Udaltzaingoak bi familia etxegabetu dituzte gaur, sarrailagile baten laguntzarekin. «Etxegabetzeak gelditu!» oihu artean, Gasteizko Prado kaleko 4. zenbakia desjabetu dute eguerdian. Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak eman du abisua, eta dozenaka lagun elkartu dira han etxegabetuei babesa adierazteko eta etxegabetzeak gelditzea aldarrikatzeko. Sindikatuak jakinarazi duenez, familia horiek talde kriminal baten iruzurraren biktima izan ziren. Martxoaren hasieran Udaltzaingoak hiru gizon atxilotu zituen Gasteizen, etxebizitzen alokairuan iruzur egiten zuen talde kriminal bateko kide izatea egotzita. Azaldu zutenaren arabera, 30 pertsona ingururi egin zieten iruzur, eta, hainbat kasutan, mehatxatu ere egin zituzten. Kontraturik gabeko gelak berralokatzen eta erroldak faltsutzen aritu ziren. Sindikatuak, martxoaren amaieran egindako agerraldi batean, kontatu zuen iruzur egin zieten pertsonen egoerak okerrera egin zuela Poliziaren esku hartzearen ondoren. «Kontraturik edo erroldarik gabe jarraitzen dute, etxegabetze mehatxupean, etxeetan pilatuta eta inolako etxebizitza alternatibarik gabe. Gainera, argindarra behin eta berriz kentzen diete», salatu zuten. Etxegabetzea Idiazabalen Beste etxegabetze baten berri ere eman zuen joan den astean Goierriko Kontseilu Sozialistak. Bihar izango da, Idiazabalgo (Gipuzkoa) Arimasagasti auzoan, 09:30ean, eta, salatu dutenez, etxegabetuko duten laguna kalean geratzeko arriskuan dago. Kontseiluak, batetik, nabarmendu du hustu nahi duten etxea egoera txarrean dagoela. «Duela bizpahiru urte, sabaia gainera erori zitzaion, eta jabeak ez du konpondu», salatu du. «Izan ere, errentatzaileen irabaziak handitzeko, geroz eta egoera txarragoan dauden etxeak merkaturatzen dira, eta geroz eta gehiago dira baldintza negargarri horiek onartzera behartuta daudenak». Bestalde, adierazi dute udala egoeraren jakitun dagoela, baina momentuz ez duela alternatibarik ziurtatu. Azkenik, gaitzetsi dute «etxebizitza legea eta moratoria ezkerreko alderdien propaganda elektoralistara bideratuta daudela» eta agerian geratu dela neurri horiek «etxebizitzaren arazoari erantzuteko duten irismen mugatua».
2023-9-11
https://www.berria.eus/albisteak/232654/herritarren-4-benetako-pobrezian-bizi-dira-eusko-jaurlaritzaren-arabera.htm
Gizartea
Herritarren %4 «benetako pobrezian» bizi dira, Eusko Jaurlaritzaren arabera
Azken hamarkadako ehunekorik txikiena bada ere, gero eta herritar gehiago bizi dira ongizate faltaren arriskuan
Herritarren %4 «benetako pobrezian» bizi dira, Eusko Jaurlaritzaren arabera. Azken hamarkadako ehunekorik txikiena bada ere, gero eta herritar gehiago bizi dira ongizate faltaren arriskuan
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako pobrezia adierazleak neurtzeko, Pobreziari eta Gizarte Desberdintasunei buruzko Inkesta egin du aurten ere Eusko Jaurlaritzak. 10.000 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte galdeketan, eta, emaitza nagusien arabera, «hobekuntzak» izan dira aurreko urteekin konparatuz. «Benetako pobreziaren» ehunekoa, esaterako, azken hamarkadako txikiena izan da: 2012an, biztanleen %5,3 bizi ziren «benetako pobrezian» eta, 2022an, %4. Pobreziaren inguruko «pertzepzio subjektiboa» ere aldatu egin da, eta herritarren %2,4k baino ez dute beren burua pobretzat hartzen. Duela hamar urte, berriz, %0,6 gehiagok. Biztanle gehienek uste dute, %92,2k, ongizatea dutela. Prezioen igoerak eta soldaten izozteak, baina, eragina izan du herritarren aisialdian, eta askok ezin dituzte «normaltzat jotzen diren jarduerak» egin. Horiek horrela, ongizaterik ezaren arriskua da gehien handitu den aldagaia. %6,9tik %8,2ra igo da, adibidez, neguan hoztu diren etxeen kopurua, eta %16,3tik %19,2ra igo da ezusteko gastuak ordaindu ezin dituzten biztanleen ehunekoa. Pobrezia baldintzatzen duten beste aldagai batzuk ere badaude. Atzerritarren %19,9 bizi dira «benetako pobrezia egoeran»; gainerako herritarren artean, %2,1eko da ehunekoa. Gazteen egoera hobetu egin da, baina 55 eta 64 urte bitartekoek ez dute aldaketa handirik nabaritu: %3,3 pobre bizi dira oraindik ere. Emakumeen kopurua, gainera, gizonezkoena baino handiagoa da: %4,2 eta %3,8 hurrenez hurren. Lurraldetasunak ere eragina du pobrezian: biztanleen %5,1 pobrezian bizi dira Araban, %3,9 Bizkaian, eta %3,7 Gipuzkoan.
2023-9-11
https://www.berria.eus/albisteak/232655/langile-bat-hil-da-elorrion-basoan-istripu-bat-izan-ostean.htm
Ekonomia
Langile bat hil da Elorrion, basoan istripu bat izan ostean
Irailaren 5ean jazo zen ezbeharra, eta irailaren 8an hil zen, zuhaitz batek buruan jo ostean zituen zauriengatik.
Langile bat hil da Elorrion, basoan istripu bat izan ostean. Irailaren 5ean jazo zen ezbeharra, eta irailaren 8an hil zen, zuhaitz batek buruan jo ostean zituen zauriengatik.
LAB sindikatuak adierazi duenaren arabera, joan den ostiralean 54 urteko langile bat hil zen Elorrion (Bizkaia), basoan lan istripu bat izan zuela eta. Antza denez, zuhaitz batek buruan jo zuen gizona irailaren 5ean, eta istripu horrek eragindako zauriak direla-eta hil zen, hiru egun geroago. Sindikatuak egin ohi duen kontaketaren arabera, aurten 33 pertsona hil dira jada Euskal Herrian lanean, eta beste hiru euskal herritar hil dira Euskal Herriko mugetatik kanpo lanean zebiltzala. Azken bederatzi egunetan lau langile hil dira Euskal Herrian. LABen arabera, basogintzaren sektorean urtero hiltzen da langileren bat, nahiz eta «langile gutxiko» sektorea izan. Salatu du langileek lan baldintza prekarioak dituztela sektoreko enpresek etekinak lor ditzaten, eta lan segurtasuneko baliabideetan gutxi inbertitzen dutela. «Plantilla murritzak, basoan bakarka lanean aritzea, errekurtso prebentiborik eta formakuntzarik eza, lan tresna desegokiak, malda handiko lan eremuak eta lan erritmo oso altuak» eguneroko gauza direla adierazi du.
2023-9-11
https://www.berria.eus/albisteak/232656/nafarroako-gobernuak-eskatu-du-hondamendi-eremu-izendatzeko-ekaitzak-kalte-egindako-herriak.htm
Gizartea
Nafarroako Gobernuak eskatu du hondamendi eremu izendatzeko ekaitzak kalte egindako herriak
UPNk aurkeztu du oharra, eta eskerrak eman dizkie kalteak konpontzeko lanean ari diren guztiei
Nafarroako Gobernuak eskatu du hondamendi eremu izendatzeko ekaitzak kalte egindako herriak. UPNk aurkeztu du oharra, eta eskerrak eman dizkie kalteak konpontzeko lanean ari diren guztiei
Kazkabar ekaitz handia izan zen herenegun Fiteron, Cintruenigon eta Corellan (Nafarroa), eta oraindik zehazteko dago zein diren fenomeno meteorologikoak eragindako kalteak. Dena den, Nafarroako Parlamentuko bozeramaileen batzarrak ohar bat onartu du gaur, zeinaren bidez eskatzen duen «eragindako eremuak leheneratzeko legez ezarritako tresnak gaitzeko». UPNk aurkeztu du lau puntuz osatutako oharra, eta PSNk azkeneko biak moldatu ditu. Lehenbiziko atalean, Nafarroako Parlamentuak elkartasuna adierazi die ekaitzarengatik kaltetuak izan diren horiei, eta bigarrenean, eskerrak eman dizkie kalteak konpontzeko lanetan ari diren guztiei. Hirugarrenean, eskatu dute «eragindako eremuak leheneratzeko legez ezarritako tresnak gaitzeko». Azkenik, «fenomeno meteorologikoei aurrea hartzeko eta kalte posibleak murrizteko gaitasuna etengabe hobetzearen» alde egiten du testuak. Jose Mari Aierdi Ingurumen eta Landa Garapeneko kontseilariak adierazi du lanean ari direla eremu kaltetuei laguntzak emateko. Hala, Aierdi eta Oskar Txibite Lurralde Kohesioko kontseilariak Fiteroko, Cintruenigoko eta Corellako alkateekin bildu dira gaur, egoera «bertatik bertara» ezagutzeko. «Nafarroako Gobernuaren webgunea zabalik dago, bertan jarri ahal izateko kalteak eta gastu estimazioak. Horrek aukera eman behar digu ekintza guztiak baloratzeko», adierazi du Aierdik. Gehitu du hainbat alorretako kalteak hartu behar direla kontutan. Erran du ondasun pribatuetan «nabarmenak» izan direla kalteak: «Aseguruek artatu behar dituzte, eta, hondamendi eremuaren izendapena onartuko balitz, ematen diren laguntzek ere kontuan hartzen dituzte kalte horiek». Aierdiren erranetan, azpiegitura publikoetako galerez tokiko administrazioa arduratzen ahal da. Laborantzako azpiegiturak eta laboreetan ere kalteak izan direla azpimarratu du, eta aztertuko dutela nola bideratu laguntza alor horietara. Aierdik azaldu du laguntzak bideratzeko beharrezkoa dela Txibite kontseilariak foru agindu bat onartzea, babes zibileko larrialdi batek eremu kaltetuaren izendapena finkatzeko. Espainiaren erantzunari dagokionez, adierazi du normalean denbora gehiago behar izaten dutela. Dena den, nabarmendu du badagoela «borondate politikoa horrelako ezaugarriak dituen egoera bati erantzuteko».
2023-9-11
https://www.berria.eus/albisteak/232657/gorka-hermosak-eta-garikoitz-mendizabalek-sustraien-matxinada-diskoa-plazaratu-dute.htm
Kultura
Gorka Hermosak eta Garikoitz Mendizabalek ‘Sustraien matxinada’ diskoa plazaratu dute
Soinu jotzaileak konposatutako 11 abesti bildu dituzte lanean, estilo ugari uztartzen dituztenak. Carles Benavent eta Tino di Geraldo musikariekin grabatu dute lana, eta Elkar diskoetxearekin kaleratu.
Gorka Hermosak eta Garikoitz Mendizabalek ‘Sustraien matxinada’ diskoa plazaratu dute. Soinu jotzaileak konposatutako 11 abesti bildu dituzte lanean, estilo ugari uztartzen dituztenak. Carles Benavent eta Tino di Geraldo musikariekin grabatu dute lana, eta Elkar diskoetxearekin kaleratu.
Soinuan bata eta txistuan bestea, bi musika tresnetan erreferentetzat hartuak dira Gorka Hermosa eta Garikoitz Mendizabal. Nazioartean maiz saritua, Hermosak konposatutako lanak mundu osoko orkestrek jo izan dituzte urteotan; eta Mendizabalek, berriz, urteak daramatza frogatzen txistua molde eta joera askotara egokitzen dela. Nork bere aldetik osatu dute beren ibilbidea, baina elkarrekin ere aritu izan dira. Orain, beste urrats bat egin, eta elkarrekin ondu dute Sustraien matxinada albuma. Hermosak konposatutako 11 kantu bildu dituzte diskoan, Carles Benavent eta Tino di Geraldo musikari sonatuekin batera grabatu dituzte, eta Elkar diskoetxeak plazaratu du bilduma. Bi musikariek aspalditik zuten elkarrekin aritzeko desira, Hermosak azaldu duenez. «Agendak uztartzea asko kostatu zitzaigun, baina biok genuen batera jotzeko gogo handia. Azkenean, duela lau bat urte edo, errepertorio bat egitea lortu genuen. Eta biok flipatu genuen». Lantzen ari ziren hori grabatzea proposatu zion Mendizabalek, baina, hamabi diskoren ostean, zalantzak zituen soinulariak. «Beste zerbait grabatzekotan, ilusio handi-handia egiten zidan zerbait izan behar zuen». Eta «amesten hasita», pentsatu zuen gustura egingo lukeela disko hori Carles Benavent baxu jolearekin eta Tino di Geraldo bateria jolearekin. Eskarmentu handiko musikariak dira biak ala biak, besteak beste Miles Davis, Chick Corea, Paco de Lucia eta Camaron de la Islarekin aritutakoak. Eta aukera hori sortu zitzaien. «Santanderren [Espainia] jo zuten batean, elkarren lagun batekin garagardo bat hartzen bukatu genuen, eta bota nien. Eta pandemia garaia zenez eta agenda normalean baino hutsago zutenez... Mirari hutsa izan zen, baina lortu genuen». Aurrez «bihotzak» gidatuta hautatutako kantuak hartu, eta landetxe batean astebete eman zuten lau musikariek, entsegu «intentsibo» batean, Hermosak azaldu duenez. Ondoren, estudiora sartu, eta egun eta erdi baino ez zuten behar izan diskoko 11 kantuak grabatzeko. Mendizabali egindako lana goraipatu dio soinu joleak. «Nire ustez, haren soinuak erraietara eramaten gaitu, euskal kulturaren funtsera, eta gero, berak, daukan birtuosismoarekin, beste unibertso batzuetara eramaten du txistua, agian euskal musikan bera iritsi den arte posible ez ziren unibertsoetara». Hermosaren piezetan estilo askoren «fusioa» dagoela azpimarratu du Mendizabalek, eta diskoan ere «azpi-azpian» horietako bakoitzetik badagoela zerbait iritzi dio. «Horrek zer ekartzen du? Bada, txistuarentzat izugarrizko erronkak», aitortu du. «Erronka horiei aurre egiteak aurrelan bat eskatu digu; nola atondu joerak, tesiturak, artikulazioak... izan zedin zerbait benetan noblea eta duina, txistuaren esentzia galdu gabe. Eta uste dut lortu dugula». Benavent eta Di Geraldorekin aritu izana «esperientzia ahaztezina» izan dela gaineratu du. Bi musikariak maisutzat jo ditu Andres Kamio Jitu Elkar argitaletxeko musika arduradunak. «Eta hori gutxi balitz bezala, diskoa grabatzeko beste bi munstroren laguntza izan dute». Hala, «maila handiko grabazioa» ondu dutela iritzi dio. «Gure musika tradizionalarekin eta folklorearekin horren lotuta dauden bi instrumentu hauek, bi maisu hauen eskuetan, soinuzko beste unibertso batera eramaten gaituzte». Horregatik, entzuleei ohartarazi die «buruan txikitatik izandako sonoritatea ahaztu eta beste zerbait entzuteko prest» egoteko. Askotariko doinuak josi, eta folketik, jazzetik, musika garaikidetik eta klasikotik edaten duten kantuak landu dituzte bi egileek. «Nahasketa bat da, musika klasikoaren parametroetatik abiatuta, euskal folkloreko erritmo eta doinuak jazzaren askatasunarekin batzen dituena». Zuzenekoei ekiteko prest Orain, lana zuzenean aurkezteko bideari ekingo diote. Hermosaren jaioterrian emango dute lehen kontzertua, Zumarragan (Gipuzkoa), hilaren 23an, Antioko baselizan. Ondotik, Gasteizko Antxina Folk —azaroan— eta Bilboko Loraldia —2024ko martxoan— jaialdietan ere ariko dira, baita Madrilen ere —2024ko otsailean—. Molde berezia izango du Bilboko saioak, gerora biran errepikatu nahi dutena, Hermosak iragarri duenez: «Euskal literaturan erreferente diren hiru emakume gonbidatu ditugu: Nerea Arrien, Leire Bilbao eta Toti Martinez de Lezea. Sustraien matxinadaren kontzeptuari buruzko gogoeta literarioak egingo dituzte, eta guk piezak tartekatuko ditugu». Adierazi dute ez dakitela ziur kontzertuetan Benaventekin eta Di Geraldorekin ariko ote diren, baina ez dute aukera baztertzen.
2023-9-11
https://www.berria.eus/albisteak/232658/bilboko-metroak-berrabiatu-du-indautxu-eta-zazpi-kaleen-arteko-zerbitzua.htm
Gizartea
Bilboko Metroak berrabiatu du Indautxu eta Zazpi Kaleen arteko zerbitzua
Pertsona bat harrapatu du metroak arratsaldean, Abandoko geltokian. Zerbitzua eten duten arren, jada martxan da.
Bilboko Metroak berrabiatu du Indautxu eta Zazpi Kaleen arteko zerbitzua. Pertsona bat harrapatu du metroak arratsaldean, Abandoko geltokian. Zerbitzua eten duten arren, jada martxan da.
Metroak pertsona bat harrapatu du Abandoko geltokian, 17:30 aldera. Halako kasuetarako protokoloa aktibatuta, haraino joan dira Ertzaintza eta larrialdi zerbitzuak. Zerbitzua etenda egon da bi orduz Indautxu eta Zazpi Kaleak geltokien artean. Bilboko Metroak jakinarazi duenez, ordea, jada martxan dago. Une batez, ez dute Abandoko geltokian geldialdirik egin, baina jada martxan da geltoki hura ere.
2023-9-11
https://www.berria.eus/albisteak/232659/libian-2000-lagun-hil-dira-daniel-zikloiarengatik.htm
Mundua
Libian 2.000 lagun hil dira 'Daniel' zikloiarengatik
Ekialdeko gobernuko lehen ministroak esan du «auzo batzuk erabat desagertu» direla.
Libian 2.000 lagun hil dira 'Daniel' zikloiarengatik. Ekialdeko gobernuko lehen ministroak esan du «auzo batzuk erabat desagertu» direla.
Libia ekialdeko GSU Elkartasun Nazionaleko Gobernuko lehen ministro Osama Hammadek jakinarazi du gutxienez 2.000 lagun hil direla herrialdearen ipar-ekialdean, Daniel zikloiarengatik eta horrek eragindako uholdeen ondorioz. «Auzo batzuk erabat desagertu dira», deskribatu du Hammadek; batez ere Derna hiria jo du gogorren zikloiak, eta hango egoera «katastrofe bat» da. Desagertuak milaka dira, eta uste dute hildakoen kopurua handitu egingo dela. Hori bai, GSUko lehen ministroaren datuarekin konparatuta, Libiako Ilargi Gorriak datu txikiago bat eman du: haren arabera, 150 bat dira hildakoak, lerro hauek idazterako. Mendebaldean dagoen GNU Batasun Nazionaleko Gobernuak, berriz, adierazi du estatuak kalte ordainak emango dizkiela biktima guztiei, eta hiru eguneko dolua ezarri du.
2023-9-12
https://www.berria.eus/albisteak/232660/kalte-handiak-eragin-ditu-kazkabar-ekaitzak-bizkaian-eta-gipuzkoan.htm
Gizartea
Kalte handiak eragin ditu kazkabar ekaitzak Bizkaian eta Gipuzkoan
Emakume bat zauritu da Igorren (Bizkaian), eta trafiko arazo ugariren berri eman dute
Kalte handiak eragin ditu kazkabar ekaitzak Bizkaian eta Gipuzkoan. Emakume bat zauritu da Igorren (Bizkaian), eta trafiko arazo ugariren berri eman dute
Euriak ez ezik, izotz puska mardulek erasan diete Bizkai eta Gipuzkoako zenbait udalerriri. Atzo arratsaldeko lehen orduan sartu da kazkabar ekaitza mendebaldetik, eta kalte handiak eragin ditu. Igorren (Bizkaia), esate baterako, emakume bat artatu behar izan dute herriko osasun zentroan, txingorrak zaurituta. Autoetan ere ikusten dira izotzak eragindako kalteak. Euri zaparradak ikusgarriak izan dira beste hainbat udalerritan ere: Diman, Aretan, Zornotzan, Mallabian, Iurretan, Ondarroan eta Eibarren, besteak beste. Trafiko arazo ugari sortu ditu denboraleak. Eta errepidean ez ezik, aire trafikoan ere eragina izan du ekaitzak, Lanzarotetik Bilbora zetorren hegazkin batek Santanderren (Espainia) lur hartu behar izan baitzuen. Bezperako iragarpen meteorologikoak gainditu ditu ekaitzak. Hori dela eta, abisu maila igo dute Euskal Herri osoan: Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta laranja ezarria du 15:00etatik 22:00etara Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, «prezipitazio handiagatik». Alerta bera ezarri dute Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ere, 50 litro ur pilatzeko arriskua dela eta. Abisu laranja ezarri du Aemet agentziak Nafarroako erdialdean eta iparraldean, 20:00ak arte.
2023-9-12
https://www.berria.eus/albisteak/232684/kartzela-zigorra-urtebete-laburtu-diote-iruntildeeko-talde-bortxaketako-espetxeratuetako-bati.htm
Gizartea
Kartzela zigorra urtebete laburtu diote Iruñeko talde bortxaketako espetxeratuetako bati
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak 'soilik baietz da baietz' legea aplikatuta hartu du erabakia. Angel Boza da zigorra laburtuko diotena.
Kartzela zigorra urtebete laburtu diote Iruñeko talde bortxaketako espetxeratuetako bati. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak 'soilik baietz da baietz' legea aplikatuta hartu du erabakia. Angel Boza da zigorra laburtuko diotena.
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak hamabost urtetik hamalaura murriztu du Angel Bozari ezarritako kartzela zigorra. Boza da 2016ko sanferminetako lehen gauean 18 urteko emakume bat bortxatu zuten bost gizonetako bat. Erabakia soilik baietz da baietz legea aplikatuta hartu dute. Lehenago ere saiatu zen Boza bere zigorra leuntzen lege hori baliatuta; lehen instantzian, Nafarroako Probintzia Auzitegiak ezezkoa eman zion aurtengo otsailean. Epaileek argudiatu zuten hamabost urteko zigorra «sexu askatasunaren aurkako delituen arauketa berriaren arabera ere ezarri» daitekeela. Oraingoan, ordea, Auzitegi Nagusiko epaileek ez dute erabaki bera hartu. Auzitegiak berak jakinarazi duenez, taldeko bost kideetako bati —ez du zehaztu zeini, baina hainbat hedabidek eman dute Bozaren izena— zigorra murriztu diote soilik baietz da baietz legea aplikatuta. Dena den, oraindik helegitea jar dakioke erabakiari Espainiako Auzitegi Gorenean. 2019. urtean ere Gorenak berrikusi zituen Iruñeko talde bortxaketako espetxeratuen zigorrak. Sexu abusutzat ez, sexu erasotzat hartu zuten bortxaketa. Ondorioz, bederatzi urteko zigorrak gogortu zituzten: lau akusaturi hamabost urteko kondena ezarri zieten, eta bosgarrenari, berriz, beste bi urte gehitu zizkioten, biktimari sakelako telefonoa lapurtzeagatik. Legezko gutxiengoetatik hurbil Nafarroako Auzitegi Nagusiaren arabera, orain zigorra arindu behar da, hain justu, Gorenaren epai hura kontuan hartuta: hamabost urteko zigorra ezarri zuen, orduko «legezko kondena txikienetik hurbil». Izan ere, garai hartako zigor kodeari erreparatuta egindako kalkuluen arabera, erasotzaileari ezar ziezaiokeen kondena «hamalau urte, hiru hilabete eta egun bateko espetxealditik hamazortzi urtekora bitartekoa» zen, bortxaketa jarraituaren delituagatik eta hainbat larrigarri kontuan hartuta. Lege berriak gutxieneko hori «nabarmen» jaitsi zuenez, zigorra proportzionalki murriztu behar dela ondorioztatu du auzitegiak. Iazko urrian onartutako arauaren arabera, sarketa duten sexu erasoak zazpi eta hamabost urte arteko kartzelaldiarekin zigor daitezke, eta oinarri horri erantsi behar zaizkio larrigarriak —besteak beste, erasoa taldean egitea—; bi larrigarri edo gehiagorekin, zigor tartearen erditik gora ezarri behar da kondena. Hortaz, Nafarroako Auzitegiak egindako kalkuluaren arabera, erasotzaileari jar dakiokeen zigorra hamahiru eta hamazortzi urte artekoa da, eta Gorenak egokitzat jo zuenez zigor txikienera «hurbiltzea»—uste baitzuen orduko kondena txikienaren urte kopurua proportzionala zela akusatuen egoera pertsonalarekin eta erasoaren larritasunarekin—, auzitegiak orain hamalau urtera jaitsi du kondena. Bi epailek egin dute erabakiaren alde: Joaquin Galve Sauras Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak eta Francisco Javier Fernandez Urzainkik. Hirugarren epaileak, Esther Erice Martinezek, zigorra murriztearen aurkako botoa eman du, eta kritiko mintzatu da zigorra zehazteko moduarekin. Auzitegi Gorenaren beraren ebazpenak aipatu ditu, argudiatzeko zigorra ezin dela zehaztu «proportzionaltasun aritmetikoko irizpide soilei jarraiki». Erantsi du halako berrikuspen bat ezin dela «abstraktuan» baloratu, baizik «zehatzago», hau da, epaitutako kasuan ezar daitekeen zigorra aztertuz, delituan eragina izan duten elementu guztiei erreparatuz eta Gorenaren epaiak ezarritako «irizpide indibidualizatzailea» kontuan hartuz. Albistea jakin bezain pronto, UPNk dimisioak eskatu ditu Espainiako Gobernuan, «lotsagabekeria horren erantzule nagusian».
2023-9-12
https://www.berria.eus/albisteak/232685/erregaien-garestitzeak-27ra-igoarazi-du-inflazioa-hegoaldean.htm
Ekonomia
Erregaien garestitzeak %2,7ra igoarazi du inflazioa Hegoaldean
Elikagaien garestitzea gutxitzen ari bada ere, erregaiak garestitu besterik ez dira egin udan. Azpiko inflazioak %6tik gora jarraitzen du.
Erregaien garestitzeak %2,7ra igoarazi du inflazioa Hegoaldean. Elikagaien garestitzea gutxitzen ari bada ere, erregaiak garestitu besterik ez dira egin udan. Azpiko inflazioak %6tik gora jarraitzen du.
Inflazio orokorrean aldaketa handirik ez da izan abuztuan, %2,6tik %2,7ra egin baitu gora Hego Euskal Herrian. INE Espainiako Estatistika Insitutuaren datuen arabera, erregaien garestitzeak igoarazi du batez ere KPI kontsumorako prezioen indizea. Elikagaien garestitzeak beheranzko joerarekin jarraitzen du, nahiz eta oliba olioaren prezioek alarmak piztuarazi dituzten azken asteotan. Egunero eta egunero garestiago daude erregaiak. Uztailaren hasieratik, astez aste, garestitu egin dira gasolioa eta gasolina. 95 gasolinaren litroak batez beste 1,621 euro balio zuen ekainaren 26an, eta atzo 1,770 euroan zegoen. Dieselaren litroak, berriz, 1,462 euro balio zuen ekainaren amaieran, eta atzo 1,673 euro ziren. KPIaren bilakaeran ere ikus daiteke hori; izan ere, uztailean negatiboa zen, -%14,4, eta abuztuan ere negatiboa izan bada ere, -%4ra hazi da. Hau da, uztailean erregaia 2022an baino %14,4 merkeago zegoen, eta abuztuan soilik %4 merkeago. Oliba olioaren alarma Gutxinaka bada ere, elikagaien garestitzea txikitzen ari da, nahiz eta inflazio orokorra baino handiagoa den oraindik: ia lau aldiz gehiago. Uztailean %10,1 zen elikagaien inflazioa, eta %9,8 da abuzutuan. Hala ere, azken asteetan oliba olioaren prezioek goiburuak bete dituzte; izan ere, leku askotan 10 eurotik gora dago litroa. Supermerkatu batzuk botilei alarmak jartzen hasi dira, jendeak lapurtu ez ditzan. Kontsumitzaileen hainbat elkartek gogor salatu dute oliba olioak prezio handiegia duela, OCU Espainiako Kontsumitzaileen Elkarteak esaterako, eta Espainiako Nekazaritza Ministerioari inspekzioak egiteko eskatu diote. Azpiko inflazioa, %6tik gora Elikagaien eta erregaien prezioak oso aldakorrak direnez, azpiko inflazioa da EBZ Europako Banku Zentrala gehien kezkatzen duen aldagaia; bi ondasun horiek kontuan hartu gabe kalkulatzen da azpiko inflazioa. 2022ko uztailetik %6tik gora dago, eta ez dirudi hortik jaitsiko denik hemendik gutxira. Azken hilabeteetan tarteka gora eta tarteka behera egin badu ere, %6tik gora jarraitzen du, %6,3an kasu honetan. 2021eko abuztura egin behar da atzera (bi urte) %1etik beherako azpiko inflazioa ikusteko. Etxeko ohiko gastuek ematen dute lasaitasuna orain ere. 2021ean, argindarra asko garestitu zen denbora gutxian, eta etxeko berokuntzaren, argiztapenaren eta bestelako gastuek izugarri egin zuten gora. Ukrainako inbasioak areagotu egin zuen hori, gasaren garestitzeagatik, baina azken hilabeteetan asko merkatu dira gastuok. Egun negatiboa da ondasun horien inflazioa, -%34,9.
2023-9-12
https://www.berria.eus/albisteak/232686/europako-parlamentuak-600000-euro-itzultzeko-eskatuko-dio-michele-alliot-marieri.htm
Politika
Europako Parlamentuak 600.000 euro itzultzeko eskatuko dio Michele Alliot-Marieri
Leporatzen diote 2014tik 2019ra diru publikoarekin ordaindutako enplegu faltsu bat sortu izana bere ilobarentzat
Europako Parlamentuak 600.000 euro itzultzeko eskatuko dio Michele Alliot-Marieri. Leporatzen diote 2014tik 2019ra diru publikoarekin ordaindutako enplegu faltsu bat sortu izana bere ilobarentzat
Libération egunkariak jakinarazi duenez, eurodiputatu zen garaian bere ilobarentzat enplegu faltsu bat sortu izana leporatzen diote Michele Alliot-Marieri. Frantziako egunkariaren arabera, 2016an abiatu zuen ikerketa OLAF Iruzurraren Aurka Borrokatzeko Europako Bulegoak, Batasun Nazionalean enplegu faltsuak sortzeko sistema bat aurkitu ostean. 2021ean bukatu zuen ikerketa OLAFek, eta aurtengo urtarrilean helarazi zion txostena Europako Parlamentuari. Libération-en arabera, Europako Parlamentuak 600.000 euro itzultzeko eskatu dio Alliot-Marieri, baina ez du oraindik horren jakinarazpen ofizialik jaso. Libération-en egindako adierazpenetan, enplegu faltsua izan zela ukatu du Alliot-Marieren ilobak. Politikari ezaguna da Alliot-Marie Euskal Herrian, Lapurdiko hautetsi nagusietako bat izan baita urteetan. Donibane Lohizuneko (Lapurdi) auzapez izateaz gain, ministro kargu bat baino gehiago bete izan ditu Frantziako gobernuetan, eta, gaur egun, pisuzko politikaria izan da Frantziako eskuin kontserbadoreko alderdi batean, Errepublikanoak izenekoan.
2023-9-12
https://www.berria.eus/albisteak/232687/frantziak-uko-egin-dio-hizkuntza-gutxituen-europako-ituna-berresteari-beste-behin.htm
Gizartea
Frantziak uko egin dio Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna berresteari, beste behin
Frantziako Konstituzio Kontseiluaren arabera ituna berresteak herritarren arteko berdintasun printzipioa urratuko lukeela erantzun dio Alsazia Elebiduna federazioari Lauren Boone Europako gaietarako Frantziako estatu idazkariak.
Frantziak uko egin dio Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna berresteari, beste behin. Frantziako Konstituzio Kontseiluaren arabera ituna berresteak herritarren arteko berdintasun printzipioa urratuko lukeela erantzun dio Alsazia Elebiduna federazioari Lauren Boone Europako gaietarako Frantziako estatu idazkariak.
Ezezkoan segitzen du Frantziak. Ez du Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna berretsiko. Hala jakinarazi du Lauren Boone Europako gaietarako Frantziako estatu idazkariak Alsazia Elebiduna federazioak egindako eskaerari emandako erantzunean. Alsaziarrek otsailean idatzi zioten Emmanuel Macron Frantziako presidenteari, eta agorril bukaeran jaso zuten Boonen erantzuna. Ohi bezala, Frantziako Konstituzio Kontseiluaren ebazpena oroitarazi du estatu idazkariak: Frantziak Ituna berretsiko balu «Errepublikaren zatiezintasunaren konstituzio-printzipioei, legearen aurreko berdintasunari, frantses populuaren batasunari eta hizkuntzaren erabilera ofizialari muzin» egingo liekeela erabaki zuen garaian. Hala ere, Boonen hitzetan, horrek ez du eragozten Frantziak hizkuntza gutxituen irakaskuntza eta sustapena bultzatzen jarraitzea, «Frantziaren ondare kulturalak» baitira. «Ohiko« diskurtsoa erabiltzea leporatu dio Alsazia Elebiduna federazioko kideek.
2023-9-12
https://www.berria.eus/albisteak/232688/david-campionek-irunerriko-mankomunitateko-presidente-karguari-eutsiko-dio.htm
Gizartea
David Campionek Iruñerriko Mankomunitateko presidente karguari eutsiko dio
Gobernu ituna sinatu dute EH Bilduk, independenteek, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak.
David Campionek Iruñerriko Mankomunitateko presidente karguari eutsiko dio. Gobernu ituna sinatu dute EH Bilduk, independenteek, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak.
Bigarrenez hautatuko dute David Campion, Ollarango alkate independentea, Iruñerriko Mankomunitateko lehendakari izateko. EH Bilduk, hautetsi independenteek, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak itun programatikoa adostu dute, Campionen hautagaitza babesteko eta UPNri berriz ere ateak ixteko. Gaur arratsaldeko bilkuran hautatuko dute 2023-2027ko aldirako lehendakaria, baina indar aurrerakoiek agerraldia egin dute goizean, gobernu ituna aurkezteko. EH Bilduk, Geroa Baik, Zurekin Nafarroak eta independenteek gehiengo osoa dute mankomunitateko batzorde orokorrean: 32 ordezkari, 54tik. Gaurko agerraldian adierazi dutenez, lau indarrek gobernu talde bat sortuko dute, agintaldiko politikak eta ildo nagusiak adosteko. Gobernu talde hori zabalik izanen da, halere, itun programatikoarekin bat egin nahi duen «talde aurrerakoi» orok parte har dezan. Campion 2019an hautatu zuten mankomunitateko lehendakari estreinakoz. Orduko hartan, EH Bilduk bere hautagaitza kendu zuen —EAko Aritz Aiesa buru zuena—, Campioni babesa eman eta UPNri bidea ixteko. Erregionalistek gogor kritikatu zuten jokaldia, eta Campionen hautagaitza txarretsi zuten, Iruñeko alkate ohi Enrique Maiaren hitzetan, «EH Bilduren B plana» zelako. Nafarroako erakunde handien artean laugarrena da Iruñerriko Mankomunitatea, gobernuaren, parlamentuaren eta Iruñeko Udalaren ondotik. Iruñerriko hondakinen kudeaketaz, garraio publikoaz eta ur horniduraz arduratzen da. Campionen aurretik, Aritz Aiesa izan zen erakundeko lehendakaria, 2015etik 2019ra. CDNko Luis Ibero (2007-2011) eta PSNko Javier Torrens (2011-2015) izan ziren UPNk babestutako azken lehendakariak.
2023-9-12
https://www.berria.eus/albisteak/232689/solarisek-hidrogeno-bidezko-235-autobus-egingo-ditu.htm
Ekonomia
Solarisek hidrogeno bidezko 235 autobus egingo ditu
Italian eta Alemanian sinatutako kontratuek 150 milioiko fakturazioa ekarriko diote CAFen filialari.
Solarisek hidrogeno bidezko 235 autobus egingo ditu. Italian eta Alemanian sinatutako kontratuek 150 milioiko fakturazioa ekarriko diote CAFen filialari.
Solaris enpresak, zeina CAFen filiala den, hidrogeno bidez ibiliko diren 235 autobus egiteko kontratuak lortu ditu Italiako Bologna eta Venezia hirietan eta Kolonia (Alemania) hirian. Proiektu guztiak batuta, 150 milioiko fakturazioa ekarriko dio enpresari, baina baliteke handiagoa izatea, kontratuetan azaltzen diren zabalkuntza aukerak baliatuz gero. Bolognarako, 127 unitate egingo dituzte, eta bolognarrek 2024an erabili ahal izango dituzte lehen autobusak. Veneziarako, 90 unitate egin behar dituzte 2025eko bukaerarako eta 2026ko hasierarako, baina jada Solaris enpresaren 30 unitate daude Venezian (elektrikoak eta hidrogeno bidezkoak). Koloniarako, hemezortzi unitateko eskaera egin dute, eta gisa horretako autobusak eskatzen dizkieten hirugarren aldia da. Enpresak 2024 bukaerarako aurreikusten du entrega. Solarisek ia hamarkada bat darama hidrogenoz dabiltzan autobus horiek sortzen, eta 2022an Europako fabrikatzaile nagusia izan zen; merkatu kuotaren %60 du. Gaur egun, bukatutako proiektuak eta eskariak kontuan izanda, Solarisen hidrogeno autobusak 300 baino gehiago dira. Azken hilabeteetan ere beste kontratu batzuk lortu ditu: hidrogeno bidezko 25 autobus Alemaniako Duisburg hirirako, 52 autobus Rostock eskualderako, eta 56 autobus elektriko Danimarkako Aarhus hirirako.
2023-9-12
https://www.berria.eus/albisteak/232690/libia-ipar-ekialdea-hondamendi-eremu-izendatu-dute-uholdeengatik-5200dik-gora-dira-hildakoak.htm
Mundua
Libia ipar-ekialdea hondamendi eremu izendatu dute uholdeengatik; 5.200dik gora dira hildakoak
‘Daniel’ zikloiaren ondorioz 8.200 lagunetik gora desagertu dira, agintarien eta GKEen arabera.
Libia ipar-ekialdea hondamendi eremu izendatu dute uholdeengatik; 5.200dik gora dira hildakoak. ‘Daniel’ zikloiaren ondorioz 8.200 lagunetik gora desagertu dira, agintarien eta GKEen arabera.
Orduek aurrera egin ahala, gora baizik ez dute egiten Libia ipar-ekialdean hildakoen eta desagertuen kopuruek. Daniel zikloiaren ondorioz, Derna hiriaren inguruko bi urtegik gainezka egin zuten atzo, eta horrek uholdeak eragin zituen. Dagoeneko 5.200dik gora dira hildakoak, eta 8.200 lagun inguru daude desagertuta, ekialdeko GSU Elkartasun Nazionaleko Gobernuaren eta Gurutze Gorriaren Nazioarteko Federazioaren arabera. Egoera hori dela eta, nazioarteak aitortzen duen eta mendebaldean dagoen GNU Batasun Nazionaleko Gobernuak hondamendi eremu izendatu du kalteturiko eremua. GSUko lehen ministro Osama Hammadek atzo adierazi zuen egoera «katastrofikoa» dela, eta auzo batzuk «erabat desagertu» direla; batez ere, Dernan —han gutxienez 7.000 desagertu zenbatu dituzte—. Gobernuko horretako Abiazio Zibileko ministro Hitxem Txkiuat hiri horretan izan da, eta Reuters berri agentziari adierazi dio Dernaren «%25 desagertu» dela. «Gorpuak daude nonahi». Egoera larria da, gobernuz kanpoko erakundeek ere salatu dutenez, eta GNUko lehen ministro Abdul Hamid Dbeibehk gaur jakinarazi du konboiak mendebaldetik ekialdera bidean direla; hamalau tona laguntza eramaten ari dira. Eta, agerraldi batean, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Federazioaren Libiarako mandatari Tamer Ramadanek esan du jende «asko» hil dela, eta espero dutela milara iritsiko dela kopurua datozen egunetan; «suntsituta» dago Libia ipar-ekialdea, haren arabera. Erreskate taldeak, soldaduekin, boluntarioekin eta herritarrekin batera, suntsituriko eremuetan lanean ari dira gorpuak ateratzeko, ahal duten moduan. Batez ere, oraindik laguntza gutxi jaso dutelako, Dernan sartzea zaila baitago. Hiri horretatik 80 kilometrora ere, Susa «ur azpian» dago, hango Larrialdi eta Anbulantzia Zerbitzuko zuzendari Hamdi al-Hasik azaldu duenez; ez du, ordea, biktimei buruzko daturik eman. Baidan ere uholdeak izan dira, eta gutxienez 50 lagun hil dira; eta Marjen and Xahaten ere izan dituzte zailtasunak atzodanik, lekualdaketak tarteko. Hiru herri horiek Jabal al-Akhdar eremuan daude; hor egiten du euri gehien urtero. Nazioarteko laguntza Aljeriak, Arabiar Emirerri Batuek, Egiptok, Tunisiak eta Turkiak laguntza bidaltzeko asmoa helarazi dute atzodanik; humanitarioa, eta erreskate lanetarako sostengua. Ameriketako Estatu Batuak ere prest agertu dira, baina Nazio Batuen Erakundearekin eta GNUrekin hitz egiten ari dira laguntza nola koordinatu erabakitzeko. Hain justu, Libiako Presidentetza Kontseiluko buru Mohamed Yunus al-Menfik herrialdeei eskatu die laguntza bidaltzeko, eta azaldu du Italiarekin eta Espainiarekin ere mintzatu dela. GNUko lehen ministroak atzo esan zuen kalte ordainak emango dizkietela biktimei, eta hiru dolu egun ezarri zituen. Europako Batzordeko Krisien Kudeaketarako komisario Janez Lenarcicek Marokon eta Libian gertaturikoa baliatu du gaur, oroitarazteko baliabide gehiago behar direla muturreko fenomenoen «normaltasun ikaragarriari» aurre egiteko.
2023-9-12
https://www.berria.eus/albisteak/232691/rubialesek-inputatu-gisa-deklaratuko-du.htm
Kirola
Rubialesek inputatu gisa deklaratuko du
Espainiako Auzitegi Nazionalak deitu du heldu den ostiralean deklaratzera. Fiskaltzaren kereila onartu zuen atzo; horretan, sexu erasoa egitea, eta Hermosori eta haren inguruari jazotakoa justifikatzea behartzea leporatzen dio.
Rubialesek inputatu gisa deklaratuko du. Espainiako Auzitegi Nazionalak deitu du heldu den ostiralean deklaratzera. Fiskaltzaren kereila onartu zuen atzo; horretan, sexu erasoa egitea, eta Hermosori eta haren inguruari jazotakoa justifikatzea behartzea leporatzen dio.
Herenegun gauean dimisioa aurkeztu zuen Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioko presidenteak, baina Rubiales auzia ez da amaitu erabaki horrekin. Espainiako Auzitegi Nazionalak epailearen aurrean deklaratzera deitu du, datorren ostiraleko 12:00etan. Inputatu gisa egingo du. Munduko Koparen finalean, Rubialesek Jennifer Hermoso Espainiako selekzioko futbolariari haren borondatearen aurka ezpainetan musu eman zion; duela hiru aste gertatu zen hori. Hermosok presidentearen kontrako salaketa formalizatu eta gero, joan den ostiralean Fiskaltzak kereila jarri zuen Rubialesen aurka. Bi leporatzen dizkio: bata, sexu erasoa egin izana; bestea, jokalariari eta haren ingurukoei behartu izana gertakaria justifikatzea. Francisco de Jorge epaileak nahikoa proba ikusi ditu kereila onartzeko, presidente izandakoaren kontrako auzibidea irekiz. Eskatu du hedabideetan zabaldu ziren bideoak eta irudiak batzeko. Soilik baietz da baietz legeak zigortzeko modukoak jasotzen ditu baimenik gabe ahoan emandako musuak, Fiskaltzaren arabera. Auzibideari ekiteko erasoa jasan duenaren edo haren ordezkari legalaren salaketa edo fiskaltzaren kereila bat behar da. Hori jakinarazi zion fiskaltzak Hermosori, eta hala egin zuen futbolariak joan den astean. «Zaurgarri eta eraso baten biktima» sentitu zela salatu zuen. Ondoren heldu zen Fiskaltzaren kereila. Oraingoa ez da hiru asteotan Rubialesen aurka hartu den erabaki bakarra: FIFAk 90 egunez kargugabetu zuen, eta Espainiako TAD Kirol Auzitegi Administratiboak «larritzat» jo zuen finalean egindakoa. Dena dela, behin dimisioa emanda argitu beharko da zer egiten duen TADek. Rubialesen auziak Espainiako Federazioko beste kide bat zipriztindu du: Jorge Vilda selekzioko hautatzailea. Ez zuen dimisioa eman; joan den astean kargugabetu zuen federazioak. Rubialesekin batera iritsi zen kargura, eta hari txaloka aritu zen federazioko presidente gisa dimisioa emango ez zuela iragarri zuen agerraldian.
2023-9-12
https://www.berria.eus/albisteak/232692/hegazkinen-sektoreak-aise-gainditu-du-pandemia-hegoaldean.htm
Ekonomia
Hegazkinen sektoreak aise gainditu du pandemia Hegoaldean
Hego Euskal Herriko lau aireportuek iazko eta 2019ko abuztuko datuak hobetu dituzte. 766.996 bidaiari ibili dira lau aireportuetan.
Hegazkinen sektoreak aise gainditu du pandemia Hegoaldean. Hego Euskal Herriko lau aireportuek iazko eta 2019ko abuztuko datuak hobetu dituzte. 766.996 bidaiari ibili dira lau aireportuetan.
Gero eta jende gehiago ari da aukeratzen hegazkina bidaiatzeko garraiobide gisa; hala diote, behintzat, Aenak argitaratutako behin-behineko datuek. Hego Euskal Herriko lau aireportuek guztira 766.996 bidaiari hartu dituzte abuztuan, 2022an eta 2019an baino gehiago. Pandemian kolpe handia hartu zuen sektoreak, debekatua egon baitzen hegazkina hartzea aisialdirako. Loiuko aireportua da (Bizkaia), alde handiz, bidaiari gehien izan duen aireportua. 664.039 bidaiari pasatu dira aireportu horretatik, iaz baino %16,1 gehiago. Pandemia aurreko azken urtearekin alderatuta, hazkundea %17,2koa da. Hondarribiko aireportua da (Gipuzkoa) trafiko gehien izan dutenetan bigarrena, ia 50.000 bidaiari —2022an baino %16,8 gehiago—. Hala ere, 2019arekin alderatuta are harrigarriagoa da hazkundea, %106,8 handitu baita trafikoa, bikoitza baino gehiago. Linea gehiago jarri dituzte aireportu horretan, eta horregatik hazi da hainbeste. Gasteizko aireportua izan da 2022arekin konparatuta trafikoa gehien handitu den aireportua, iaz baino %36,3 bidaiari baino gehiago pasatu baitira bertatik. Pandemia aurreko datuekin alderatuta, ia bikoiztu egin da, %89,2 gehiago. Noaingo aireportuan (Nafarroa) %8,3 handitu da bidaiarien kopurua, eta 2019arekin alderatuta, berriz, %17,2.
2023-9-12
https://www.berria.eus/albisteak/232693/celsarentzako-bazkide-industrial-bat-nahi-du-jaurlaritzak.htm
Ekonomia
Celsarentzako bazkide industrial bat nahi du Jaurlaritzak
Gaur egun altzairu enpresaren jabe diren funtsek hura saltzen dutenean industria jarduna bermatuko duen bazkide bat nahi du Tapia sailburuak, eta esan du badagoela interesa agertu duenik
Celsarentzako bazkide industrial bat nahi du Jaurlaritzak. Gaur egun altzairu enpresaren jabe diren funtsek hura saltzen dutenean industria jarduna bermatuko duen bazkide bat nahi du Tapia sailburuak, eta esan du badagoela interesa agertu duenik
Celsa altzairutegiaren kontrola hartu duten inbertsio funtsak kate motzean lotuko dituen bazkide industrial bat nahi du Eusko Jaurlaritzak. Hala onartu du Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko Sailburuak, eta zehaztu du badaudela esku hartzeko interesa erakutsi duten beste enpresa batzuk. Espainiako Gobernuak oraindik ez du baimendu operazioa, baina inbertsio funtsek beren interesen aldeko ebazpen judizial bat jaso dute. «Funtsak joan egingo dira, beti joaten baitira, eta une horretan enpresaren bideragarritasuna bermatuko duen bazkide bat nahi dugu», aurreratu du sailburuak. Tapiak ez du baztertu Rubiralta familia izatea bazkide hori, orain arte Celsako akziodun nagusia zena, edo «inguruko» beste talderen bat. Celsa 7.000 langileko enpresa multinazional bat da, eta 650ek Euskal Herriko hiru altzairutegietan dihardute: 329k, Nervaceron (Trapagaran, Bizkaia); 98k, Celsa Atlanticen (Gasteiz) —lehen Laminaciones Arregui zen—; eta 200ek, Celsa Francen (Bokale, Lapurdi). Celsak 1.300 milioi euroko zorra du, eta iragan astetik Deutsche Bank bankua buru duen erakunde finantzario talde bat da haren akziodun nagusia. Espainiako Gobernuak eta Jaurlaritzak gaur bertan hitz egin dute Celsaren inguruan, eta bat datoz jardun industriala lehenetsi behar dela. Enpresaren akzio gehienak inbertsio funtsen esku utzi zituen Bartzelonako epaileak bere ebazpenean ere hala zioen, «enplegua» eta «erabakiguneak» mantendu behar zirela, baina eskaera horri berme handiagoa emango dion bazkide industrial bat nahi dute bi gobernuek. Funtsak ere bazkide hori lortzeko bidean mugitu dira, eta Rafael Villaseca ezarri dute administrazio kontseiluko buru. Naturgyko kontseilari delegatu ohia da, eta eskarmentu handia du kudeaketa industrialean. Dena den, beste ezeren aurretik Espainiako Gobernuaren onespena behar du. Espainiak enpresa estrategikoen jabetza aldaketak oztopatzeko mekanismoak ditu, eta oraindik ez dio onespena eman Celsakoari.
2023-9-12
https://www.berria.eus/albisteak/232694/herritar-denentzako-politikekin-lotu-du-anduezak-pseren-garaipena.htm
Politika
«Herritar denentzako politikekin» lotu du Anduezak PSEren «garaipena»
EAEn, boto kopuruan irabazi zituen PSE-EEk uztailaren 23ko bozak, eta alderdiko idazkari nagusiak helarazi du «balio duen politikaren aldeko mezua» izan dela emaitza hori.
«Herritar denentzako politikekin» lotu du Anduezak PSEren «garaipena». EAEn, boto kopuruan irabazi zituen PSE-EEk uztailaren 23ko bozak, eta alderdiko idazkari nagusiak helarazi du «balio duen politikaren aldeko mezua» izan dela emaitza hori.
PSE-EEko Batzorde Exekutiboak bilera egin zuen atzo, eta idazkari nagusi Eneko Anduezak batzar horretan egindako hainbat hausnarketaren berri eman du gaur. Uztailaren 23an, EAEn, PSE-EEk garaitu zuela azpimarratuz hasi da, eta boto kopuruan izan zen garaipen hori «herritar denentzat egiten diren politikekin» lotu du. Anduezaren arabera, hauteskunde emaitzek erakutsi dute «balio duten politikak» nahi dituztela herritarrek: «Herritarren benetako erronkei erantzuteko politiken aldeko mezu argi bat da PSEren garaipena Euskadin». Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lurraldeetan «politika progresisten alde» bozkatu dute herritarrek, Anduezaren ustez, «krisiari aurre egiteko modu jakin baten alde, ezkutu sozialaren alde, langileriaren interesen alde eta zerbitzu publikoen alde». Lizarra-Garaziko 25. urteurrena ere hizpidera ekarri du PSEko idazkari nagusiak. Ziurtatu du «Euskadik» ez duela «inolako beharrik» Lizarra-Garaziko garaietara itzultzeko. EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik Lizarrako itunaren «norabidera» itzultzeko deia egin du berriki, eta EAJko GBBko presidente Joseba Egibarrek ere Lizarra-Garaziko «gidoia balekoa» dela uste du. Bada, Anduezak erantzun du «harrigarriak» direla hitz horiek: «Porrot hartan parte hartu zuten politikari batzuen oroitzapenak harrigarriak dira». 25 urte bete dira Lizarrako akordioa izenpetu zutenetik, eta hura «Euskadiko gertuko historiako gertaerarik negargarriena» izan zela uste du PSEko buruak: «Soilik nazionalistentzako herri bat egiteko proiektua izan zen, euskal gizartearen zati handi bat kanpoan utzita». Iragana orainarekin lotzeko baliatu du duela 25 urteko akordioa Anduezak, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Espainiako Konstituzioa berriz aztertzeko ekinaldia ere sartu baitu «nazionalisten erreklamazioen» zakuan, Konbentzio Konstituzionala alegia. «Konstituziotik kanpo dagoen lurralde ereduak» proposatzeak ez du «bideragarritasunik», PSEko idazkari nagusiaren arabera: «Euskadik ez ditu bere energiak erabili behar hitz berriak topatzeko, Konstituzioa inguratuz Estatu konfederal bat egiteko».
2023-9-14
https://www.berria.eus/albisteak/232695/dolomiten-gaineko-ekaitz-baten-irudiak-irabazi-du-udako-argazki-lehiaketa.htm
Bizigiro
Dolomiten gaineko ekaitz baten irudiak irabazi du udako argazki lehiaketa
Irakurleek epea zabalik dute beste hogei argazkiren artean bozkatzeko.
Dolomiten gaineko ekaitz baten irudiak irabazi du udako argazki lehiaketa. Irakurleek epea zabalik dute beste hogei argazkiren artean bozkatzeko.
«Mendia ala hondartza?». Aukera horiekin hasten dira asko udako oporretan pentsatzen. Urtero legez, ehunka irakurlek oporretako argazkiak bidali dituzte BERRIAk antolaturiko udako argazkien lehiaketara, eta, irabazleen artean, eztabaida gutxi dago, mendia eta hondartza, biak, jaso dituztelako sarituriko irudietan. Beste sari bat ere egongo da, baina hori irakurleek aukeratuko dute, irailaren 13tik aurrera, astebetez. Jasotako 407 irudietatik BERRIAk aukeraturiko hogeiren artean bozkatuko dute. Arrasateko (Gipuzkoa) Iker Zubizarretak irabazi du lehenengo saria, mendiko argazki batekin. Izan ere, Dolomitetan egon da, Italiako ekialdeko Alpeetan, eta ekaitza, esne bidea eta ilargia tontorren gainean harrapatu ditu. Getariako (Gipuzkoa) Elkano jatetxean bi lagunentzako otordua irabazi du Zubizarretak. Michelin izar bat du Elkanok. Bigarren argazki sariduna, berriz, hondartzan egin du Alvaro Company Lopez de Munain gasteiztarrak. Sopelako (Bizkaia) hondartza erretratatu du ilunsentian. Bi lagunentzako bazkaria irabazi du argazkilariak, Dimako (Bizkaia) Garena jatetxean, hori ere Michelin izar baten jabea.
2023-9-12
https://www.berria.eus/albisteak/232696/urdaibaik-laquozoritxarrekotzatraquo-jo-ditu-goikoetxeak-presoen-inguruan-esandakoak.htm
Politika
Urdaibaik «zoritxarrekotzat» jo ditu Goikoetxeak presoen inguruan esandakoak
Bermeo-Urdaibaiko Iñaki Goikoetxea arraunlariak Iurgi Garitagoitia euskal presoa gogoratu zuen igandean, Kontxako Bandera irabazi berritan, eta Arnaldo Otegik zoriondu egin zuen sare sozialetan. Gaur arte ez du etenik izan EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren aurkako kritika zaparradak.
Urdaibaik «zoritxarrekotzat» jo ditu Goikoetxeak presoen inguruan esandakoak. Bermeo-Urdaibaiko Iñaki Goikoetxea arraunlariak Iurgi Garitagoitia euskal presoa gogoratu zuen igandean, Kontxako Bandera irabazi berritan, eta Arnaldo Otegik zoriondu egin zuen sare sozialetan. Gaur arte ez du etenik izan EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren aurkako kritika zaparradak.
Bermeo-Urdaibai arraun elkartearen arabera, «zoritxarrekoak» izan dira Iñaki Goikoetxea arraunlariaren adierazpenak euskal presoei erreparatuz, eta «modu pertsonalean» egin zituela nabarmendu du. Klubak dio Goikoetxea ez zela taldea ordezkatzeko hautatutako arraunlaria, baina ETBk deitu zuela bere ontzira. Han gogoratu zen Goikoetxea «ez daudenekin», eta datorren urtean «denak etxean egoteko» eskaera egin zuen, «bereziki Iurgi». Iurgi Garitagoitiari erreparatu zion arraunlariak, kartzela zigor luzea betetzen ari den euskal presoari. Bada, Urdaibaik «biziki» sentitu du «sentsibilitate batzuei min egin diezaieketen adierazpenek denboraldiko bandera garrantzitsuena irabazi izana lausotzea». Ez da lehen aldia, ordea, Goikoetxea arraunlaria Iurgi Garitagoitiarekin gogoratzen dena: Kontxan bertan, txapela jantzia zuela erreparatu zion hari aurreko urtean ere. Igandeko adierazpen horiek oihartzun handia izan dute hedabideetan aurten; ETB1en egindako adierazpenak entzun ondoren, EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik eskerrak eman zizkion arraunlariari sare sozialen bidez, eta kritika zaparrada gogorra heldu zaio koalizio abertzaleko buruari. «Zurekin beti emozionatzen gara, Iñaki! Eskerrik asko beti euskal preso politikoak gogoratzeagatik, eta zorionak Arraun Lagunak eta Urdaibai!», idatzi zuen Otegik. EAJko, PSE-EEko eta Elkarrekin Podemoseko zenbait ordezkarik Otegiren hitzak arbuiatu zituzten atzo, baina gaur koska bat gora egin du kritikak, eta Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk esan du «tamalez batzuek oraindik ibilbide luzea» dutela egiteko. «Elkar bizitzea ez da hori, eta iraganarekiko arduratsua izatea ezta ere». Urkulluk gogoratu du Garitagoitia kartzelan dagoela Inaxio Uria enpresariaren aurkako atentatua dela eta; «merezi du gogoratzea Kontxan aritutako hamasei arraunlarien talde txikian, aurreko igandean, bi umezurtz zeudela ETAk haien aitak hil zituelako». Donostiarrako patroiaren aita Ramon Diazi eta Tolosaldeko arraunlari baten aita Josu Leoneti erreparatu die modu horretan. PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak ere hitz gogorrak izan ditu Otegiren eta EH Bilduren aurka: «Batzuk ez dira ohartzen ezertaz, eta badira beste batzuek, Otegi jauna adibidez, gobernu berriak edo alternatiba berriak eratu nahi dituztenak». Anduezaren arabera, Otegi «ez da gai onartzeko hasierako puntuan» dagoela eta «ibilbide etiko bat» egin behar duela, gobernu berriak eratzeko saioan hasi aurretik. «Polemika antzua» EH Bilduk ez du elikatu nahi izan hedabideetan indar handia hartu duen ika-mika, baina, Mertxe Aizpurua EH Bilduko Kongresuko bozeramailearen arabera, urte politikoarekin batera iritsi den zalaparta «polemika antzua» da. «Ez dut uste polemika antzuetan sartu behar dugunik, eta ez naiz sartuko, zeren eta sortu dutena hori besterik ez da», esan du Aizpuruak. Hamar hilabete barru izango dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, eta aurten egon diren bi bozetan hazkunde handia lortu du koalizio subiranistak. Aldagai hori ezin da banandu azken orduotako polemikatik, Aizpuruak aditzera eman duenez. «Duela gutxi bukatu genuen hauteskunde kanpaina bat, eta ematen du bi egunean sartu garela beste batean».
2023-9-12
https://www.berria.eus/albisteak/232697/erregai-fosilak-amaitzeko-eskatzeko-manifestazioa-egingo-dute-ostiralean.htm
Gizartea
Erregai fosilak amaitzeko eskatzeko manifestazioa egingo dute ostiralean
Bilbon egingo dute mobilizazioa, ‘Deskarbonizazioa orain! Azkarra, zuzena eta behin betikoa’ lelopean. Petronor enpresak eragiten dituen kalteak ere salatu nahi dituzte.
Erregai fosilak amaitzeko eskatzeko manifestazioa egingo dute ostiralean. Bilbon egingo dute mobilizazioa, ‘Deskarbonizazioa orain! Azkarra, zuzena eta behin betikoa’ lelopean. Petronor enpresak eragiten dituen kalteak ere salatu nahi dituzte.
Irailaren 20an egingo du NBEk klimari buruzko goi bilera, New Yorken. Klima larrialdiaren aurrean hainbat herrialdek duten «anbizio eskasa» salatu nahi dute, eta munduko tenperaturaren igoerari mugak jartzeko gobernu horien borondatea piztu. Euskal Herriko hainbat talde ekologistak bat egin dute nazioarteko deialdiarekin, eta deskarbonizazioaren aldeko manifestazioa antolatu dute ostiralerako; Bilbon izango da, 19:00etan. Oro har, erregai fosilen amaiera eta «justizia sozial eta ekonomikoan» oinarritutako energia eredua aldarrikatu nahi dituzte. Deialdiaren leloak, hain zuzen, agerian uzten du haien nahia: Deskarbonizazioa orain! Azkarra, zuzena eta behin betikoa. Nazioarteko emisio kutsatzaileek gora egiten jarraitzen dute etengabean, eta, talde ekologisten arabera, murrizketak ezartzetik «oso urrun» daude gobernuburu asko. Euskal Herrian, esaterako, Europako findegi handienetariko bat martxan dago, «zigorrik jaso gabe»: Petronor (Muskiz, Bizkaia). «Hirigunean eta padura batean kokatuta dago, eta hidrogeno berdea, erregai sintetikoak eta zaborren pirolisia ekoizteko planak ditu; hori guztia diru laguntza publiko ugarirekin hornituta», azaldu dute Sara Ibañez Ortega eta Alex Martinez Vila ekologistek manifestazioa aurkezteko gaur egin duten agerraldian. Ondorioz, eskaera zuzena egin diote ostiraleko protestaren antolatzaileek Eusko Jaurlaritzari: «Deskarbonizazio bidezko klima politiketan, anbizio handiagoa eta premiazko lana izan behar ditu». Nazioarteko gobernuek, orokorrean, krisialdiaren aurkako politikak gogortu beharko lituzketela uste dute ekologistek; are zehatzago, herrialde aberatsei dagokienez. «Europako Batasuneko herrialdeek, Amerikako Estatu Batuek, Kanadak, Japoniak eta Australiak beren ekonomien erabateko deskarbonizazioa lortu behar dute 2040a baino lehen, karbono zor historiko handiarengatik». Era berean, petrolioa eta gasa duten herrialdeen presioari aurre egin beharko lioketela uste dute, eta lobbyen interesen gainetik aritu. Ekologistentzat «ulertezina» da Arabiar Emirerri Batuetako ADNOC petrolio enpresako burua izatea aurtengo COP28ko presidentea, horrek «bateraezintasun erregimen bat» sortzen duelako. Bestalde, antolatzaileen iritziz, herrialde aberatsenek «pobretuenekin» dituzten «harreman neokolonialistak» amaitu behar dituzte. «Teknologia, gaitasun eta finantzaketa gehigarri, nahikoa eta egokia bideratu behar zaizkie herrialde pobretuenei». Eta, horrekin guztiarekin batera, bestelako garapen ereduak eskaini behar zaizkie. «Babes gabeko herritarrak» Krisialdi gehienetan bezala, «babes gabeko herritarrek» nabaritzen dituzte klima larrialdiko ondorio gehienak, eta haiek ordaindu behar dituzte «krisiaren kostuak»; energia horniduraren prezioen igoera, deskarbonizazioaren plangintza zehatzik eza, etxebizitzen isolamendu termikoa ezin ahalbidetzea, langabezian daudenei erantzuteko ezintasuna edota familia ahulenei laguntza eskaintzeko zailtasuna, esaterako. Ekologistek argi dute: «Justizia klimatikoa bakarrik izango da posible ekosistemen eta giza eskubideen babesarekin batera». Justizia horren barruan, gainera, «beharrezkoak» dira klima errefuxiatuak kontuan hartuko dituzten harrera politika duinak. Askotariko taldeek bat egiten dute klima larrialdiari mugak jartzeko nazioarteko deialdiarekin, eta guztien artean antolatu dute ostiraleko manifestazioa; beste batzuekin batera, Ekologistak Martxan, Euskal Gune Ekosozialista, Extinction Rebellion Bizkaia, Fridays For Future eta Meatzaldea Bizirik talde ekologistek, ELA eta Steilas sindikatuek, Ezker Anitza alderdiak, eta Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Sare Antifaxista erakundeek.
2023-9-12
https://www.berria.eus/albisteak/232698/sinadurak-bilduko-dituzte-euskara-gehiago-egoteko-hezkuntza-legean.htm
Gizartea
Sinadurak bilduko dituzte «euskara gehiago» egoteko Hezkuntza Legean
Euskalgintzaren Kontseiluak eta hezkuntza komunitateko eragile nagusiek euskarazko eredu orokor inklusiboa eskatu dute. Sinadurak legebiltzar taldeei helaraziko dizkiete, aintzat har ditzaten
Sinadurak bilduko dituzte «euskara gehiago» egoteko Hezkuntza Legean. Euskalgintzaren Kontseiluak eta hezkuntza komunitateko eragile nagusiek euskarazko eredu orokor inklusiboa eskatu dute. Sinadurak legebiltzar taldeei helaraziko dizkiete, aintzat har ditzaten
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Hezkuntza Legea ontzen hasi zenetik, haren inguruko balorazio ugari egin ditu Euskalgintzaren Kontseiluak. Testua xehe aztertzeaz gain, ekarpenak egin dizkio Eusko Legebiltzarrean tramitatzen ari den arauari. Hezkuntza komunitatearekin eta gehiengo sindikalarekin hitzartuta egin ditu proposamen gehienak, betiere ideia nagusi bati helduta: legeak «euskara gehiago» behar duela eskatu dute. Harago jo eta urrats berri bat egingo du orain Kontseiluak: sinadura bilketa bat abiatu du, aldarrikapen horrekin bat egin dezaten herritarrek. Hezkuntzak euskara gehiago behar du leloa hartuta aurkeztu dute sinadura bilketa, Gasteizen, agerraldi jendetsu batean. Hezkuntza komunitateko eragile nagusien ordezkaritza zabal batek egin du bat Euskalgintzaren Kontseiluaren deialdiarekin: Ikastolen Elkarteak, EHIGEko guraso elkarteek, HEIZE zuzendarien federazioak, STEILAS, ELA eta LAB sindikatuek eta Hik Hasi pedagogia egitasmoak. Azaldu dutenez, EAEko Hezkuntza Legeak hiru eskabide aintzat har ditzala galdegingo dute sinadurekin. Bat: euskara ikas eta irakats hizkuntza izango duen eredu orokor inklusibo bat. Bi: euskal kultura ardatz izango duen euskal curriculuma. Hiru: hezkuntza ez arautua ere osorik euskaraz garatzea. Hiru eskaera horien inguruko kontsentsu zabala dago euskalgintzan eta hezkuntza komunitatean; izan ere, hezkuntza komunitateko eragile nagusiekin egin du lanketa Kontseiluak: sindikatuekin, irakaskuntza sareetako ordezkariekin, guraso elkarteekin, adituekin... Herritar guztiek ere modua dute eskari horien alde izenpetzeko. Bi eratan egin liteke: horretarako propio paratuko diren mahaietan —ikastetxeetan, hezkuntzarekin lotutako ekitaldietan, herri eta auzoetan zein bestelako espazio publikoetan jarriko dituzte— eta Kontseiluaren webgunean. Baldintza bi baino ez dira bete behar sinatzeko: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarra izatea eta 16 urte edo gehiago izatea. Pertsona bakoitzak behin bakarrik sinatu ahal izango du, izen-abizenak eta nortasun agiria adierazita. Urriaren 15ean amaituko da sinadurak biltzeko epea, eta ondoren komunikabideei eta Eusko Legebiltzarreko ordezkari politikei helaraziko dizkiete. Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak azpimarratu du sinadura bilketaren bidez, eusko legebiltzarkideei eskatu nahi dietela Hezkuntza Legeak euskara eta euskal kultura ardatz izan ditzala. Uste baitu hezkuntza sistemak, ezinbestean, euskararen eta euskal kulturaren aldeko «jauzia» egin behar duela, gutxitutako hizkuntza baten normalizazio prozesuan «funtsezko elementua» delako. «Transmisioa bermatzeko bidea da, belaunaldi berriei euskara ematekoa». Kontseiluaren ustez, euskararen normalizazio prozesua «ezinbesteko osagaia» da ez bakarrik herritarren hizkuntza eskubideak aintzat hartu eta errespetatzen hasteko, baita «gizarte kohesioa, justizia soziala eta elkarbizitza indartzeko» ere. Are: «Euskararen normalizazioan egiten den urrats bakoitza urrats bat da demokrazian sakontzeko». Azken hamarkadetan egin dira urratsak euskararen normalizazioan, eta hezkuntza komunitatea izan da pauso horien denen «zutoin nagusietako bat», Kontseiluak nabarmendu duenez. Haatik, oraindik ere euskarak egoera «gutxituan» jarraitzen du, eta berdintasun egoera batera iritsi behar du, ohartarazi duenez. Hartarako, «neurri proaktiboak» galdegin ditu, «ezin arau daitekeelako bi hizkuntzak maila berean baleude gisa». Kontseiluaren iritziz, Hezkuntza Legeak badu erronkarik hizkuntza politikari dagokionez. Horietako bat, hauxe: euskara ikas eta irakats-hizkuntza duen ereduaren alde egitea. «Ikasle euskaldun eleaniztunak sortzerako orduan arrakasta gehien izan duen hezkuntza eredutik abiatu behar da etorkizuneko arautegia», nabarmendu dute. Eta horri lotuta hurrengoa: «Euskarak behar du izan hezkuntza sistemako hizkuntza normalizatua». Euskara hezkuntza sistemako hizkuntza normalizatua izan dadin, ezaugarri soziolinguistikoak kontuan hartu behar dira, Kontseiluak azpimarratu duenez. «Euskara ezagutu gabe sartzen diren ikasleei arreta berezia eskaini beharko zaie, eta legeak berak ezarri beharko ditu hizkuntza proiektuak errealitate soziolingustikora egokitzeko irizpide orokorrak». Eta, betiere argi utzita euskara gutxiago duenari «gehiago» eman behar zaiola. Kulturari ere bere tokia emateko eskatu dute, ez baitago hizkuntza ulertzerik horri lotzen zaion kultura alboratuta. «Kalitatezko hezkuntzaren bidean, ezinbestekoa da euskarazko kulturgintzaren transmisioa bermatzea, gizarte kohesiorako elementua baita».
2023-9-12
https://www.berria.eus/albisteak/232699/esther-apraiz-jeltzalea-izango-da-eudeleko-presidente-berria.htm
Politika
Esther Apraiz jeltzalea izango da Eudeleko presidente berria
EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta plataforma independenteen ordezkaritza batek akordio bat itxi dute hautagaitza bakarra aurkezteko. Zuzendaritzan seina kide izango dituzte EAJk eta EH Bilduk.
Esther Apraiz jeltzalea izango da Eudeleko presidente berria. EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta plataforma independenteen ordezkaritza batek akordio bat itxi dute hautagaitza bakarra aurkezteko. Zuzendaritzan seina kide izango dituzte EAJk eta EH Bilduk.
EAJk jakinarazi duenez, Eudel Euskal Udalen Elkarteko zuzendaritza osatzeko akordioa erdietsi dute jeltzaleek, EH Bilduk, PSE-EEk eta udal plataforma independenteetako ordezkariek. Hala, zuzendaritza berritzeko zerrenda bakar bat aurkeztuko dute legealdiko lehen bilkuran, datorren asteartean. Derioko (Bizkaia) alkate Esther Apraizek (EAJ) ordezkatuko du Gorka Urtaran presidentetzan. Presidenteordeak, berriz, azken legealdiko berdinak izango dira: Azpeitiko (Gipuzkoa) alkate Nagore Alkorta (EH Bildu) eta Irungo (Gipuzkoa) alkate Jose Antonio Santano (PSE-EE). Publiko egindako proposamenaren arabera, Eudelen batzorde exekutiboa hamabost lagunek osatuko dute: EAJko eta EH Bilduko seina kide, PSE-EEko bi eta Zalla Bai plataformako bat —Joseba Andoni Zorrilla—. Apraizekin batera, Nati Lopez de Muniain (Burgu, Araba), Maialen Gurrutxaga (Elgoibar, Gipuzkoa), Jon Luqui Albisu (Urretxu, Gipuzkoa), Erlantz Urresti (Jatabe, Bizkaia) eta Txerra Molinuevo (Amurrio, Araba) izango dira EAJren ordezkariak. EH Bilduk, berriz, Alkorta, Iñigo Hernando (Galdakao, Bizkaia), Txelo Auzmendi (Asparrena, Araba), Xabier Lertxundi (Hernani, Gipuzkoa), Eneritz Azpitarte (Zaldibar, Bizkaia) eta Izaro Elorza (Oñati, Gipuzkoa) proposatu ditu. Sozialistenak, berriz, jakinak ziren: Santanoz gain, Mikel Torres Portugaleteko (Bizkaia) alkatea proposatu zuen atzo PSE-EEko zuzendaritzak. Batzorde exekutiboa soilik ez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Lurralde Batzordeen banaketa ere egin dutela azaldu dute, eta banaketa horietan bermatu direla gizonen eta emakumeen arteko oreka zein 2.500 biztanletik beherako udalerrien presentzia. Hala, Eudel «indartuta» aterako dela uste du EAJren Euzkadi Buru Batzarreko burukide Koldo Mediavillak, eta eskerrak eman dizkie gainerako mugimendu politikoei, «indarrak batzeko eta Euskadiko Udalen Elkartea indartzeko egindako ahaleginagatik». Zalantzak Maiatzeko bozen ostean, EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik mahai gainean jarri zuen udalen elkartea koalizio subiranistako kide batek zuzentzeko aukera. Izan ere, EH Bildu izan zinegotzi gehien —denera, 1.050— eskuratu zituen alderdia Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta horrek balio izan zion ekaineko udal bilkuren ostean 107 alkatetza bereganatzeko. Hala, koalizio subiranista da hiru lurraldetan udal gobernu gehien zuzentzen dituen taldea, jeltzaleek baino 17 gehiagorekin. Hiri handienetan, baina, egoera bestelakoa da. Jeltzaleen esku daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hogei udalerri populatuenetatik 11, EH Bilduren gidaritzapean bost eta PSE-EErenean lau. Eta lehen hamarrei soilik erreparatuz gero, jeltzaleek dute alkatetza seitan, sozialistek hirutan eta koalizio subiranistak bakarrean; hain justu, zerrendako hamargarrenean, Errenteria (Gipuzkoa). Horiek udalerri txikiagoek baino garrantzia handiagoa dute Eudelen barne funtzionamenduan. Izan ere, elkarteko araudiaren arabera, 245 udalek parte hartzen duten arren, botoak biztanle kopuruaren arabera banatzen dira. 150.000 biztanletik gorako udalerrietako —Bilbo, Gasteiz eta Donostia— ordezkaritzek 30 boto dituzte; 100.001 eta 150.000 herritar artean dituztenek —Barakaldo (Bizkaia)— 25 boto; 50.001 eta 100.000 artekoek —Getxo (Bizkaia) eta Irun (Gipuzkoa)— hogei... Hala, EH Bilduren eskaera «legitimotzat» jo zuen arren, Mediavillak argudiatu zuen alderdiek jasotako boto kopuruari eta udalerrietan bizi den herritar kopuruari egin behar zitzaiola jaramon. Izan ere, banaketa hori kontuan hartuta, jeltzaleek 436 boto emateko aukera dute, EH Bilduk 398, PSE-EEk 126, plataforma independenteek 78 eta PPk hiru.
2023-9-12
https://www.berria.eus/albisteak/232700/langabezia-sariaz-negoziazio-kamustua-hasi-dute-frantzian.htm
Ekonomia
Langabezia sariaz negoziazio kamustua hasi dute Frantzian
2024tik aurrerako arauak finkatu behar dituzte sindikatuek eta patronalak, baina 2019ko erreforma ez ukitzeko agindu die gobernuak
Langabezia sariaz negoziazio kamustua hasi dute Frantzian. 2024tik aurrerako arauak finkatu behar dituzte sindikatuek eta patronalak, baina 2019ko erreforma ez ukitzeko agindu die gobernuak
Urte politikoaren hasierarekin batera itzuli dira Frantziako gizarte eragileen arteko negoziazioak ere. Langabezia sariaren erreforma dute mahai gainean, baina mahai oso txikia jarri die Emmanuel Macronen gobernuak, berak dekretuz onartutako erreforma ez ukitzeko baldintza jarri baitie. Sindikatuek eta patronalak kudeatzen dute Frantziako langabezia sariaren kutxa (Unedic), eta haiei dagokie kutxa horren diruak banatzeko arauak ezartzea. Baina 2019ko negoziazioan ez ziren ados jarri, kontratu laburrak mugatu nahi zituztelako langileen ordezkariek, eta ez, ordea, ugazabek. Negoziazioen porrota berak esku hartzeko baliatu zuen Parisko gobernuak. Langabezia sarian egindako gastua murriztea izan zuen xede, eta ildo horretan zenbait neurri hartu zituen: langabezia saria eskuratzeko lan egin beharreko aldia luzatu zuen —azken 24 hilabeteetatik gutxienez sei hilabete lan egin behar izatea, eta ez 28tik lau—; kontratu laburrak kateatu dituztenei saria gutxitu zien; 4.700 euroren soldatak izandakoei saria murriztea zazpigarren hilabetetik aurrera; eta ordaina murriztu zuten langabezia tasa %9tik behera jaitsiz gero. Neurri horiek gastua murrizteko helburua betetzen ari direla dio Unedicen ikerketa batek: gutxitu egin da saria eskuratzeko eskubidea lortzen dutenen kopurua, batez ere gazteen artean, eta jaitsi egin da saria jasotzen duten langabeen batez bestekoa. Dirua enplegurako Frantziako Gobernuaren dekretuak aurtengo abenduan iraungiko dira, eta sindikatuek gustura aldatuko lituzkete, haien aurka azaldu baitziren bere garaian. Baina abuztuan gizarte eragileei igorritako gutunean, gobernuak ohartarazi zien ez zirela ukitu behar. Eskaera bat ere egin die exekutiboak: sosak bilatu behar dituzte enpleguaren eta formakuntzaren aldeko politikak finantzatzeko. Horretarako, 2022az geroztik Unedicek izan duen superabita eta datozen urteetarako espero dituenak erabili nahi ditu gobernuak. Zehazki, 2023-2026ko aldian 12.000 milioi izango lirateke. Soberakin hori aurreko hamahiru urteetan Unedicek pilatutako 60.000 milioi euroko zorra murrizteko erabili nahiko luke Medef patronalak. Negoziaziorako eremu estuak zaildu egiten du gizarte eragileen lana, eta ezkortasuna zabaldu du haien artean. Akordiorako aukerak %10 baizik ez direla esan du Jean François Foucard CFE-CGC sindikatuko buruak. «Badirudi estatuak erregimenari buruzko erabakimenari eutsi nahi diola», azaldu du Eric Courpotin CFTCko idazkariak. Negoziazioetan jarraituko ote duen zalantzan jarri du, berriz, CGTk. Gauzak horrela, hizketagai nahiko murritzak geratu zaizkie sindikatuei eta patronalari: sasoikako langileen egoera, erretretaren atarian dauden adineko langileena, eta Pole Emploi enplegu zerbitzuari Unedicek egiten dion ekarpena.
2023-9-12
https://www.berria.eus/albisteak/232701/vingegaardek-irabazi-du-vueltan-eta-kussi-gerturatu-zaio.htm
Kirola
Vingegaardek irabazi du Vueltan, eta Kussi gerturatu zaio
Danimarkarrak Espainiako Vueltako hamaseigarren etapa irabazi du, azken mendatean indartsuena izanda. Bigarren garaipena du ekitaldi honetan. 1.15 kendu dio Sepp Kuss lider eta taldekideari, eta orain, bigarren da sailkapen nagusian, 29 segundora besterik ez
Vingegaardek irabazi du Vueltan, eta Kussi gerturatu zaio. Danimarkarrak Espainiako Vueltako hamaseigarren etapa irabazi du, azken mendatean indartsuena izanda. Bigarren garaipena du ekitaldi honetan. 1.15 kendu dio Sepp Kuss lider eta taldekideari, eta orain, bigarren da sailkapen nagusian, 29 segundora besterik ez
Nahieran dabil Jumbo Visma Espainiako Vueltan. Gaur, beste erakustaldi bat eman du hamaseigarren etapan. Lau egun lehenago Tourmaleten egin bezala, Jonas Vingegaardek nagusitasun osoz irabazi du. Bejesen, bost kilometro eskaseko mendate labur bezain gogorrean amaitu da etapa, eta danimarkarra berriro izan da indartsuena aldapan gora. Helmugarako lau kilometroren faltan jo du erasoa, eta inor ez da gai izan haren gurpilari eusteko. Bakar-bakarrik geratu da aurrean, eta halaxe iritsi da baita helmugara ere. Minutuko aldea atera die faborito gehienei. Elkarrekin ailegatu dira Juan Ayuso (UAE), Enric Mas (Movistar), Aleksandr Vlasov (Bora) eta Primoz Roglic (Jumbo Visma). Sepp Kuss liderra (Jumbo), berriz, 1.05era iritsi da, Mikel Landarekin batera (Bahrain). Helmugako aldeari esker, Vingegaardek aurrea hartu dio sailkapen nagusian Roglici, eta gertu du orain Kuss, 29 segundora. Hori kontuan hartuta, nor da taldeburua orain? Kuss, Vingegaard ala Roglic? Itxura du taldeak baino gehiago, errepideak zehaztuko duela hori. Jumbo gozatzen ari da Vueltan, baina gaur kolpe oso gogorra jaso du. Nathan van Hooydonck taldeko ziklista belgikarra oso larri dago, autoan zihoala bihotzekoa izan, eta istripua izan eta gero. 27 urte ditu. Haren emaztea arin zauritu da. Taldekideari eskaini dio garaipena Vingegaardek. Bihar, Angliru Biharko etapak beste estutu bat emango dio Vueltari. Etapa motza da hamazazpigarrena, 125 kilometro eskasekoa, baina izugarri gogorra. Txirrindulariek hiru mendate igoko dituzte azken 60 kilometroetan: Lehen Mailako Colladiella —7,8 kilometroko luzera, eta 7,1eko batez besteko pendiza— eta Cordal -5,4 kilometroko luzera, eta %9,2ko pendiza—, eta Mailaz Kanpoko Angliru —12,4 kilometroko luzera, eta %9,8ko pendiza—. Azken horren gailurrean amaituko da etapa.
2023-9-12
https://www.berria.eus/albisteak/232702/mundakatik-lapurdiko-getariaraino-igerian-txomin-datxariren-azken-erronka.htm
Kirola
Mundakatik Lapurdiko Getariaraino igerian: Txomin Datxariren azken erronka
Igerilari getariarrak 87 kilometroko igerialdia hasiko du bihar 14:00etan, 30 ordu geroago jaioterrira heltzeko asmoz.
Mundakatik Lapurdiko Getariaraino igerian: Txomin Datxariren azken erronka. Igerilari getariarrak 87 kilometroko igerialdia hasiko du bihar 14:00etan, 30 ordu geroago jaioterrira heltzeko asmoz.
Txomin Datxari suhiltzaile boluntarioa da, eta muturreko igerilaria. Bere burua ataka latzean jartzeko ohitura du, eta gaur bertan hasiko du hurrengo erronka: Mundakatik (Bizkaia) Getariara (Lapurdi) igerian egiteko asmoa du. 87 kilometroko igerialdia 30 orduan osatzea espero du. Sare sozialetan eman du erronkaren berri. Maiatzean min hartu zuen, eta horrek sasoiaren zati handi bat zapuztu diola azaldu du, baina helburu argia duela orain buruan: «Historia txikia idaztea Getariako bidean». Iragarri duenez, bihar, asteazkenean, atera nahi du Mundakatik, 14:00etan. Ostegunean da iristekoa, 20:00 aldera. Getariakoa da Datxari, eta, azaldu duenez, «surfaren ikur» diren bi leku lotu nahi izan ditu erronkarekin. Mundakako itsasbazterrari jarraituko dio hasieran, eta gero lerro zuzen bati jarraitzen saiatuko da, lehorretik 12 kilometroko tartean. Segurtasun neurriak edukiko ditu, halere. Talde batek lagunduko du erronkan, eta laguntzaileok eramango dizkiote edatekoak eta jatekoak. Haien ontziaren atzeari loturiko ohol batek zabalduko dio bidea igerilariari, eta horretan argi bat jarriko diote, gauean ikus dezan, eta loak har ez dezan. 120 km, Suitzan Suhiltzaile profesional bihurtzeko azterketak prestatzen dituen bitartean, lehen ere egin ditu halako balentriak. 2020ko irailaren 10ean, Donostiatik Capbretonerako (Okzitania) tartea egin zuen: 65 kilometro, 20 ordu eta 27 minutuan. <br /> Handiagoa egin zuen 2021eko ekainaren 9an eta 10ean: Suitzako Leman lakuan 120 kilometro egin zituen igeri, 38 orduz.
2023-9-12
https://www.berria.eus/albisteak/232703/bidenen-aurkako-impeachment-a-agindu-du-aebetako-ordezkarien-ganberako-presidente-errepublikanoak.htm
Mundua
Bidenen aurkako ‘impeachment’-a agindu du AEBetako Ordezkarien Ganberako presidente errepublikanoak
Kevin McCarthyk eskatu du abiatu dezatela AEBetako presidentearen kontrako ikerketa politikoa, ustez haren seme Hunter Bidenen negozioak babesteagatik; atzerriko enpresekin merkataritza akordioen bitartez dirutza egin izana leporatzen diote.
Bidenen aurkako ‘impeachment’-a agindu du AEBetako Ordezkarien Ganberako presidente errepublikanoak. Kevin McCarthyk eskatu du abiatu dezatela AEBetako presidentearen kontrako ikerketa politikoa, ustez haren seme Hunter Bidenen negozioak babesteagatik; atzerriko enpresekin merkataritza akordioen bitartez dirutza egin izana leporatzen diote.
AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Joe Bidenen kontrako impeachment-a edo kargutik kentzeko ikerketa prozesua abiatzeko agindu du gaur Ordezkarien Ganberako presidente eta Alderdi Errepublikanoko buru Kevin McCarthyk, Etxe Zuriko maizterrak ustez haren seme Hunter Bidenen negozioak babesteagatik; atzerriko enpresekin merkataritza akordioen bidez dirutza egin izana leporatzen diote. Aurrez eskatu bezala, gauza bera esan du McCarthyk Kapitolioan, urte politiko berriaren lehen egunean, Bideni aipamena eginez. «Presidenteari eta haren taldeari dei egiten diet ikerketa gardenaren alde erabat lankidetzan aritzera. Estatubatuarrei erantzuna emateko konpromisoa dugu. Frogek eramaten gaituzten lekura joango gara», esan du Ordezkarien Ganberako presidenteak, eta oroitu du ez duela erabaki hori «arinkeriaz» hartu. Altxorraren Sailaren arabera, Bidenen familia eta beste negoziazio bazkide batzuk 150 transakziotan baino gehiagotan daude inplikatuta. McCarthyk ziurtatu duenez, Biden Etxe Zurian dagoenetik haren sendiak hogei milioi dolar irabazi ditu merkataritza akordioei esker. «Salaketa serioak egin arren, badirudi Bidenen familiak tratu berezia jaso duela gobernuaren aldetik». Buruzagi errepublikanoaren adierazpenen ostean, Etxe Zuriko eledun Ian Samsek X sare sozialean gogorarazi duenez, behe ganberak «bederatzi hilabetez ikertu du estatuburua, eta ez du irregulartasunean ebidentziarik aurkitu». Bidenen kontrako impeachment-a abiatzeko Ordezkarien Ganberak onartu behar du lehendabizi. Halere, oraindik ez dago argi McCarthyk errepublikano moderatuen babesa izango duenik. Aurrera eginez gero, Senatura iritsiko litzateke, baina are zailagoa dauka onartzea, demokratek baitute gehiengoa; senatarien bi herenek baino gehiagok baiezkoa eman beharko lukete.
2023-9-13
https://www.berria.eus/albisteak/232727/gizon-bat-hil-da-bidaxunen-auto-istripuz.htm
Gizartea
Gizon bat hil da Bidaxunen auto istripuz
Atzo arratsaldean gertatu zen ezbeharra, D11 bidean. Ikerketa bat abiatu du fiskaltzak, nola gertatu den argitzeko.
Gizon bat hil da Bidaxunen auto istripuz. Atzo arratsaldean gertatu zen ezbeharra, D11 bidean. Ikerketa bat abiatu du fiskaltzak, nola gertatu den argitzeko.
Atzo arratsaldean gertatu zen istripua, Bidaxunen (Nafarroa Beherea), Donapaleura (Nafarroa Beherea) doan D11 bidean. Auto batek bortizki jo zuen zuhaitz baten kontra, eta gidaria hilik atzeman zuten suhiltzaileek. 15:30 inguru atzeman zuten gizona, eta, lehen zantzuen arabera, auto bakarrak du zerikusia istripuarekin. Baionako prokuradoreak ikerketa bat abiatu du ezbeharraren nondik norakoak argitzeko. Jendarmeek eginen dute ikerketa.
2023-9-13
https://www.berria.eus/albisteak/232728/urriaren-1ean-abiatuko-da-bizkaiko-bertsolari-txapelketako-bigarren-fasea-mungian.htm
Kultura
Urriaren 1ean abiatuko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako bigarren fasea, Mungian
Abenduaren 16an jokatuko da finala, Bilbo Arenan. 43 bertsolarik parte hartuko dute denera. Saio guztietarako sarrerak salgai daude dagoeneko.
Urriaren 1ean abiatuko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako bigarren fasea, Mungian. Abenduaren 16an jokatuko da finala, Bilbo Arenan. 43 bertsolarik parte hartuko dute denera. Saio guztietarako sarrerak salgai daude dagoeneko.
Maiatzean abiatu zen Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehendabiziko fasea, eta, uda igarota, udagoienean helduko diote berriro ere txapelketari. Guztira, sei kanporaketa, hiru finalaurreko eta finala jokatuko dira. Hala azaldu dute gaur goizean Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko bozeramaileak, Igor Elortza Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakaritza taldeko kideak eta Ione Narbaiza Bizkaiko Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak eta txapelketaren arduradunak Bilboko Rekalde aretoan egindako aurkezpenean. Urriaren 1ean izango da lehenengo kanporaketa, Mungian (Bizkaia). Kanporaketetan 30 bertsolarik parte hartuko dute. Horietatik 11 sailkatuko dira finalaurrekoetara, eta 2021eko finalistak batuko zaizkie orduan; hemezortzi bertsolari arituko dira denera. Bilbo Arenan jokatuko da finala, eta zortzi bertsolarik kantatuko dute. 17:00etan abiatuko dira saio guztiak, eta horietarako guztietarako sarrerak salgai daude dagoeneko. Jarraian, udagoieneko faseko saioen zerrenda: KANPORAKETAK Urriak 1, Mungia. - Araitz Katarain Mugarza (Mallabia) - Izaro Bilbao Arostegi (Mungia) - Koldo Muñiz Aldamizetxebarria (Ibarrangelu) - Mikel Goiriena Larrazabal (Mungia) - Peru Vidal Gurrutxaga (Leioa) - Txaber Altube Sarrionandia (Abadiño) Urriak 8, Gernika-Lumo. - Arkaitz Zipitria Mendizabal (Arrigorriaga) - Bittor Altube Sarrionandia (Abadiño) - Ibai Amillategi Omaetxebarria (Gernika-Lumo) - Iker Garitagoitia Astigarraga (Arrigorriaga) - Julen Ibarguengoitia Ordorika (Gernika-Lumo) - Mikel Retolaza Etxebarria (Busturia) Urriak 15, Arrigorriaga. - Garikoitz Sarriugarte Onaindia (Zaldibar) - Iker Uriarte Urrutia (Bermeo) - Inazio Vidal Gurrutxaga (Erandio) - Iruri Altzerreka Martinez (Garai) - Josune Aramendi Perez (Markina-Xemein) - Lurdes Ondaro Mallea (Munitibar) Urriak 22, Erandio. - Ander Sarriugarte Garcia (Durango) - Garazi Navarro Ugarteburu (Amoroto) - Igor Galarza Intxausti (Abadiño) - Imanol Uria Albizuri (Algorta) - Paule Ixiar Loizaga Legarra (Sopela) - Unai Mendiburu Valor (Algorta) Urriak 29, Igorre. - Aissa Intxausti Aburruza (Lekeitio) - Asier Galarza Garai (Muxika) - Eneko Aldana Carrasco (Forua) - Janire Arrizabalaga Munduate (Gernika-Lumo) - Jone Larrinaga Dañobeitia (Mungia) - Oihana Bartra Arenas (Bilbo) Azaroak 1, Lekeitio. - Aitor Arrutia Azkueta (Orozko) - Beñat Bilbao Landa (Gernika-Lumo) - Eneko Abasolo Txabarri Abarkas (Iurreta) - Koldo Gezuraga Seijido (Gernika-Lumo) - Maite Sarasola Isazelaia (Deustu) - Peru Irastortza Santxo (Algorta) FINALAURREKOAK Azaroak 11, Berriz. - Aitor Etxebarriazarraga Gabiola (Gernika-Lumo) - Gorka Pagonabarraga Agorria (Durango) - Xabat Galletebeitia Abaroa (Lekeitio) - Arrigorriagako irabazlea - Lekeitioko irabazlea - Puntuazioz hirugarrena Azaroak 18, Santurtzi. - Aitor Bizkarra Ruiz (Abadiño) - Jone Uria Albizuri (Algorta) - Mungiako irabazlea - Erandioko irabazlea - Puntuazioz lehenengoa - Puntuazioz laugarrena Azaroak 25, Lemoa. - Nerea Ibarzabal Salegi (Markina-Xemein) - Onintza Enbeita Maguregi (Muxika) - Gernika-Lumoko irabazlea - Igorreko irabazlea - Puntuazioz bigarrena - Puntuazioz bosgarrena FINALA Abenduak 16, Bilbo. - Berrizko irabazlea - Santurtziko irabazlea - Lemoako irabazlea - Puntuazioz, lehenengo bostak
2023-9-13
https://www.berria.eus/albisteak/232729/kimek-esan-du-putin-babestuko-duela-laquoinperialismoaren-kontrakoraquo-borrokan.htm
Mundua
Kimek esan du Putin babestuko duela «inperialismoaren kontrako» borrokan
Bi agintariek bilera bat egin dute. Ipar Koreako lider gorenak adierazi du Kremlinekiko harremanak duela «lehentasuna», eta «ziur» dagoela Errusiako armadak irabaziko duela Ukrainako gerra.
Kimek esan du Putin babestuko duela «inperialismoaren kontrako» borrokan. Bi agintariek bilera bat egin dute. Ipar Koreako lider gorenak adierazi du Kremlinekiko harremanak duela «lehentasuna», eta «ziur» dagoela Errusiako armadak irabaziko duela Ukrainako gerra.
Ipar Koreako lider Kim Jong-un limusina batean iritsi da Vostotxni kosmodromora (Errusia). «Pozten naiz zu ikusteaz. Hau gure kosmodromo berria da», esan dio Errusiako presidente Vladimir Putinek, irribarre handi batekin, eskua ematen ari zitzaiola. Ongietorriak eta adierazpenek berehala utzi dute agerian bi agintarien arteko harremana zer-nolakoa den, eta, batez ere, erlazio horrek duen garrantzia geopolitikaren testuinguruan. Kimek esan baitu, besteak beste, Moskurekiko harremanak duela «lehentasuna». Eta, hori nabarmentzearekin batera, bi agintariek argi utzi dute «indar hegemonikoen» kontra arituko direla; are, Kimek esan du Putin babestuko duela «inperialismoaren kontrako» borrokan. Sintonia eta adostasuna sumatu da bien artean. Gaurko bilkura garrantzitsua zen bi buruzagientzat. Batetik, Errusiak arma gehiago behar dituelako Ukrainako gerrarako, eta, Mendebaldearen zigor ekonomikoen ondorioz, zail duelako horiek lortzea; bestetik, Ipar Korearen kasuan, lehengaiak eta teknologia berria nahi dituelako, eta hark ere zigorrei egin behar dielako aurre. Piongiangen beharren erakusle, bi agintarien arteko bilkura kosmodromo batean egin izana, Putinek azaldu modura, Kimek «interes handia» duelako «suzirietan»; hain justu, Errusiako presidenteak laguntza eskaini dio satelite programa garatzeko, ustez espioitzarako erabiliko luketena. Estrategien ikuspuntutik, bilkurak balio izan du, besteak beste, Mendebaldearen kontrako aliantzetako bat sendotzen saiatzeko, Ipar Koreako lider gorenak aitortu modura; haren arabera, bi herrialdeen arteko harremanak «garrantzi estrategikoa» baitu. Eta, bide batez, norbere beharrez mintzatzeko. Bilkuraren aurretik, Putinek adierazi du «gai guztiez» arituko zirela, baina hitzordua amaitzean bi aldeek ez dute ezer esan horiez, ezta akordiorik egin duten ere; armei buruzko ituna espero zen, eta ikusteko dago datozen egunetan zer edo zer esango duten afera horretaz. Gaurko bileran Sergei Xoigu Errusiako Defentsa ministroa ere izan da —iragan uztailean Ipar Korean izan zen—. Edonola ere, badirudi bi herrialde horien arteko harremana geroz eta estuagoa bilakatzen ari dela. Bi agintariak 2019an batzartu ziren estreinakoz, eta gaurkoa harrezkeroztik egindako lehen bilkura izan da —tartean Ukrainaren inbasioa hasi zuen Errusiak, eta Piongiangen babesa jaso du—; gainera, esanguratsua da Ipar Koreako lider gorenak Putinekin izan duen bilkura dela koronabirusaren pandemiaren ostean atzerriko buruzagi batekin egin duen lehena. «Errusia borroka sakratu bat egiten ari da bere subiranotasuna, segurtasun interesak eta justizia defendatzeko hegemonikoen aurrean. Beti helarazi diegu gure baldintzarik gabeko babes osoa Errusiako Gobernuaren erabaki guztiei», azaldu du Kimek prentsaren aurrean, aurrez aurrekoa abiatu aitzin. Eta sostengu horren adibide gisara, Ipar Koreako lider gorenak esan du «ziur» dagoela Errusiako armadak irabaziko duela Ukrainako gerra. Putinek zera esanda erantzun dio: «Lagun zahar bat hobeagoa da bi berri baino. Gure laguntasuna sendotzen jarraituko dugu eskualdeko bakea, egonkortasuna eta ongizatea lortzeko». Bilkura gehiago Ukrainako gerrarekin lotuta, Errusiak beste bilkura bat izango du afera horretaz datorren astelehenean, Sergei Lavrov Atzerri ministroa Wang Yi Txinako bere homologoarekin batzartuko baita. «Iritzi elkartruke bat egongo da», Maria Zakharova Errusiako Atzerri Ministerioko bozeramaileak gaurko agerraldi batean azaldu duenez. Eta gerra hori amaitzeari buruzko bitartekaritza lanei dagokionez, Frantzisko I.a aita santuak ordezkari bat bidaliko du Txinara. Matteo Zuppi kardinala da, eta aste amaieran joango da herrialde horretara. Gerra frontean, Errusiako Defentsa Ministerioak esan du Ukrainak eraso egin diola Itsaso Beltzeko bere ontzidiaren egoitzari, Sebastopolen, Krimean, ordu txikietan. Defentsa sistemek misil gehienak suntsitu dituzte, eta, erasoaren ondorioz, 24 lagun zauritu dituzte; Ukrainaren arabera, berriz, urpeko bat eta itsasontzi bat hondatu dituzte.
2023-9-13
https://www.berria.eus/albisteak/232730/diputatuek-euskaraz-egin-ahal-izango-dute-datorren-asteartetik-aurrera-kongresuan.htm
Gizartea
Diputatuek euskaraz egin ahal izango dute datorren asteartetik aurrera Kongresuan
Ebazpena izenpetu du Francina Armengol Kongresuko presidenteak, eta premiaz tramitatzeko eskatu du.
Diputatuek euskaraz egin ahal izango dute datorren asteartetik aurrera Kongresuan. Ebazpena izenpetu du Francina Armengol Kongresuko presidenteak, eta premiaz tramitatzeko eskatu du.
Espainiako Estatuko hizkuntza gutxituak erabili ahal izango dira hurrengo asteartetik aurrera Kongresuan. Francina Armengol Kongresuko presidenteak sinatu duen ebazpenaren arabera, behin-behinean antolatuko dute itzultzaileen sistema. Senatuan erabiltzen dituztenen pareko sistema jarriko dute indarrean. Kongresuko Mahaiak ireki du horretarako bidea, PSOE, Sumar, ERC, EAJ, EH Bildu eta BNGren babesarekin. JxCk ez du ebazpena izenpetu, baina gehiengo osoa beharko du Kongresuan aurrera ateratzeko, eta gehiengo osora iristeko JxCk ere babestuko duela aurreikusten da. Premiaz tramitatzeko eskatu dute. Aurreikuspena da sei hilabeteko epean baliabideak jartzea edozein idatzi ere hizkuntza gutxituetan aurkeztu ahal izateko. Bihar elkartuko da bozeramaileen batzordea, eta zehaztapen teknikoak ordurako espero dira. Eskubide honen lorpena ERCk eta JxCek bultzatu zuten. PSOEk Francina Armengol proposatu zuen Kongresuko mahaiko presidente izateko hautagai gisa. Alderdi subiranista katalanek babesteko baldintza gisa jarri zuten euskaraz, katalanez eta galizieraz egin ahal izatea Kongresuan. Senatuan badago aukera hizkuntza gutxituak erabiltzeko, modu mugatuan. Europako Parlamentuan ere hizkuntza gutxituak hizkuntza ofizial gisa hartzeko eskatu zuten, eta bide hura ere urratu da. Baldintza hura onartuta hautatu zuten Armengol Kongresuko presidente, alderdi subiranisten babesarekin.
2023-9-13
https://www.berria.eus/albisteak/232731/udalerri-euskaldunetako-gazteentzako-arnasetik-bideo-eta-sormen-lehiaketa-antolatu-dute.htm
Gizartea
Udalerri euskaldunetako gazteentzako Arnasetik bideo eta sormen lehiaketa antolatu dute
Arnasa Gara egitasmoak bigarrenez antolatu du lehiaketa. Hizkuntza ohituren inguruan gogoeta egitea du xede.
Udalerri euskaldunetako gazteentzako Arnasetik bideo eta sormen lehiaketa antolatu dute. Arnasa Gara egitasmoak bigarrenez antolatu du lehiaketa. Hizkuntza ohituren inguruan gogoeta egitea du xede.
UEMAren, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren Arnasa Gara egitasmoak Arnasetik bideo eta sormen lehiaketa martxan jarri du. 10 eta 16 urte bitarteko euskararen arnasguneetako gazteek parte har dezakete, eta, sormena garatzea ez ezik, arnasguneetako gazteen hizkuntza ohituren inguruan gogoeta egitea ere badu helburu. Urriaren 24ra arte izango dute lanak aurkezteko epea. Antolatzaileek lehiaketaren inguruko xehetasunak ohar bidez azaldu dituzte. Arnasetik euskararen arnasguneetako ikastetxeetako ikasleei zein arnasguneetako ikasleak jasotzen dituzten ikastetxeei bideratuta dago. Lehiaketan parte hartu nahi dutenek lanak banaka edo taldeka aurkeztu ditzakete, lagunekin edo ikaskideekin. Hiru kategoria egongo dira. Batetik, Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailetako ikasleek beraien herriak nolakoak diren azaldu beharko dute, bertan zer egin daitekeen eta euskara maila hobetzeko zergatik egokiak diren azalduz. Hori «promozio bideo baten bidez» edo formatu librean —marrazkiak, olerkiak, bertsoak— egin ahal izango dute. Bestetik, DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailetako gazteei dagokienez, beraien herrietako esamolde berezienak eta beraien esanahia azaldu beharko dute umorezko bideo batean. Hauxe helburua: «Arnasguneetan entzun daitezkeen euskalkiak balioan jartzeko ariketa da hau». Azkenik, DBH3koek eta DBH4koek bideo bat egin beharko dute «modu sortzailean», euskal kulturari, musikari eta ekimenei balioa emanez. Gazteek urriaren 24ra arte aurkeztu ahal izango dituzte lanak, eta sari banaketa azaroaren 22an egingo dute, Zarauzko Modelo aretoan (Gipuzkoa).
2023-9-13
https://www.berria.eus/albisteak/232732/20-eta-25-metro-bitarteko-haitz-handi-bat-erori-da-aizkorriko-naparraitz-tontorretik.htm
Kirola
20 eta 25 metro bitarteko haitz handi bat erori da Aizkorriko Naparraitz tontorretik
Joan den ostiraletik larunbatera erori zen. Litekeena da inguru horretan izan zen ekaitzaren tximista batek jota erori izana. Naparraitz eskalatzeko zeuden hiru bideei eragin die
20 eta 25 metro bitarteko haitz handi bat erori da Aizkorriko Naparraitz tontorretik. Joan den ostiraletik larunbatera erori zen. Litekeena da inguru horretan izan zen ekaitzaren tximista batek jota erori izana. Naparraitz eskalatzeko zeuden hiru bideei eragin die
Goierriko Hitza-k atzo jakinarazi zuenez, haitz handi bat erori da Aratz-Aizkorriko parke naturaleko Garagartza gunean (Gipuzkoa). Bi tontor handi daude leku horretan: Bikunaitz eta Naparraitz. Bigarren horretan erori da haitza, hego-mendebaldean, Olazti aldera (Nafarroa). 20 eta 25 metro bitarteko altuera zuen, eta, Iker Zubeldia Zegamako (Gipuzkoa) alkateak BERRIAri adierazi dionez, txiki-txiki geratu da: «Hautsa da». Horregatik uste du ez zela besterik gabe erori, eta ostiralean inguru horretan izan zen ekaitzaren tximista batek jo eta bota zuela. «Eranskin itxura zuen haitz puska da erori dena», gaineratu du Zubeldiak. Ostiralean pasatu zen bera inguru horretatik, eta erori gabe zegoen hartara. Biharamunean, baina, larunbatean, eroritako haitzaren argazkia jaso zuen. Zegamako alkateak dio bere horretan geratuko dela paraje hori orain. Naparraitz, lehen. EITB Bikunaitz eta Naparraitz kare haitzak dira, eta eskalatzeko zenbait bide daude. Naparraitzen hiru zeuden, eta hiruei eragin die haitza erortzeak. Igor Lasa Gipuzkoako Mendi Federazioko koordinatzaile teknikoak astelehen gauean izan zuen erorketaren berri. BERRIAri azaldu dio Naparraitzen zeuden hiru bideetatik bi erabat erori direla haitzarekin. Horman ezkerrekoa, Superdiedro izena duena eta Mikel Saez de Urabain eskalatzaileak ireki zuena, erdizka geratu da, Lasak azaldu duenez. «Naparraitzen zegoen gehigarri itxurako haitz horren eskuinaldea erori da». Garagartza inguruak kolore horia du eskaladarako. Alegia, hegaztiak babesteko, urtarrilaren 1etik uztailaren 31ra debekatuta dago hor eskalatzea. Garai honetan eskalatu daiteke, ordea. Hala ere, Lasak nabarmendu du horrelako gertaerak eguraldia muturrekoa denean gertatzen direla, ekaitzak eta uholdeak daudenean, eta normalean ez dela jenderik egoten une horietan. Gainera, esan duenez, hor jende gutxi aritzen zen eskaladan, Naparraitzeko bideen zailtasunaren ondorioz. «Guk ez ditugu kudeatzen bide horiek, eta han dagoen ekipamendua oso berezia da. Zailtasun dexente zuten». Zubeldiak ere gaineratu du kasu bakanak direla horrelakoak, eta eguraldiak eragindakoak. Naparraitzen zeuden eskalada bideakGipuzkoako Mendizale Federazioa
2023-9-13
https://www.berria.eus/albisteak/232733/xabi-zurutuza-munduko-txapelketan-ariko-da-datorren-urtean.htm
Kirola
Xabi Zurutuza Munduko Txapelketan ariko da datorren urtean
Pilotu legazpiarra Red Bull KTM Ajo taldean ariko da, Moto3 mailan. Duela zazpi urte aritu zen azkenekoz euskal pilotu bat Munduko Txapelketan; Efren Vazquez bilbotarra izan zen.
Xabi Zurutuza Munduko Txapelketan ariko da datorren urtean. Pilotu legazpiarra Red Bull KTM Ajo taldean ariko da, Moto3 mailan. Duela zazpi urte aritu zen azkenekoz euskal pilotu bat Munduko Txapelketan; Efren Vazquez bilbotarra izan zen.
Euskal Herriko motoziklismoak ordezkari bat izango du Munduko Txapelketan, zortzi urteren ostean. Xabi Zurutuza pilotu legazpiarrak Munduko Txapelketan hartuko du parte datorren urtean. Moto3 mailan ariko da, Red Bull KTM Ajo taldearekin. «Oso pozik nago, eta izugarri eskertuta nigan jarri duten konfiantzagatik. Urte ikusgarria izango da», esan du taldearekin kontratua sinatu berritan. 17 urteko pilotuak lekukoa hartuko dio Efren Vazquezi. Gidari bilbotarra izan zen txapelketa nagusian lehiatu zen azken euskal herritarra. Hamar urtez aritu zen, eta bi garaipen lortu zituen, biak 2014an, Moto3 mailan; Zurutuza lehiatuko den kategorian, hain zuzen. Zurutuzak denbora zeraman atea jo eta jo. Bikain ari da gazte mailako Munduko Txapelketan KTM taldearekin. Bederatzi probatan aritu da, eta bi irabazi ditu: uztailaren 2an, Portimaon (Portugal), eta uztailaren 17an, Bartzelonan. Txapelketa bukatzeko hiru proba falta direla, legazpiarra seigarren postuan dago sailkapenean.
2023-9-13
https://www.berria.eus/albisteak/232734/europako-batasuna-handitzeko-deia-egin-du-von-der-leyenek.htm
Mundua
Europako Batasuna handitzeko deia egin du Von der Leyenek
Agintaldiko batasunaren egoerari buruzko azken hitzaldian, batzordeko presidenteak esan du Ukraina, Serbia eta Moldavia Europako Batasunean sartzeko garaia dela. Haren arabera, «inoiz baino gertuago» dago migraziorako ituna.
Europako Batasuna handitzeko deia egin du Von der Leyenek. Agintaldiko batasunaren egoerari buruzko azken hitzaldian, batzordeko presidenteak esan du Ukraina, Serbia eta Moldavia Europako Batasunean sartzeko garaia dela. Haren arabera, «inoiz baino gertuago» dago migraziorako ituna.
«Hazteko eta etorkizun propioa eraikitzeko garaia» da Europan, Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidentearen arabera. Agintaldiko batasunaren egoerari buruzko azken hitzaldian, EB Europako Batasuneko estatu kideen zerrenda zabaltzeko deia egin du. Zehazki, Ukraina, Moldavia eta Serbia EBn sartzeko garaia dela esan du. «Ukrainaren, Moldaviaren eta Balkanen etorkizunak gure Batasunean datza». Presidentearen esanetan, «meritokrazian oinarritutako lorpen bat da» Bruselan eserleku bat lortzea. Bide hori errazte aldera, iragarri du batzordeak zenbait erreforma proposatuko dituela 2024 hasieran. Xehetasun handirik eman gabe, prest agertu da EBren oinarrizko ituna erreformatzeko. Halere, esan du ez dutela zertan ituna erreformatu arte itxaron, eta berretsi du posible dela Europako kluba «modu azkarragoan» handitzea. Batzordearen asmoek, baina, talka egiten dute Europako Parlamentuak dituenekin. Horren presidente Roberta Metsolak eman dio hitzartzea Von der Leyeni. Lehenbizi, hitz goxoak eskaini dizkio: «Lan ezin hobea egin du lau urteotan». Gero, zera esan du: «Gaur egun 27 herrialderekin funtzionatzen duen Europako Batasunak ez du funtzionatuko 32rekin, 33rekin edo 35ekin». Von der Leyenen ustez, ordea, klubaren parte izan nahi duten herrialdeek aurrerapauso handiak eman dituzte horretarako, eta «esfortzu horiei erantzuteko txanda» da orain. Horien artean aipatu ditu Bulgaria eta Errumania, zeinak urtea amaitu baino lehen Schengen eremuan sartzekoak diren. «Migrazioaren auzian izandako praktika onengatik» zoriondu ditu, eta estatu kideei eskatu die «ahalik eta lasterren» onartu ditzatela Schengen eremuan. Gaurkoa izan da Von der Leyenen agintaldiko azken batasunaren egoerari buruzko hitzaldia. Karguari eusteko asmorik ez badu, behintzat. Izan ere, bederatzi hilabete barru hautatuko dute hurrengo agintaldiko presidentea. Espero zen gaur argitzea berriro aurkeztuko den, baina Von der Leyenek ez du ezer iragarri. Are, 2019an batzordeko presidente izendatu zutenetik egindako ibilbidea laburtzeko probestu du gaurko agerraldia. Haren arabera, EBk inoizko asmo handienak izan eta bete ditu lau urte hauetan. Nahiz eta «mugimendu handiko» urteak izan diren. Arrazoien artean aipatu ditu COVID-19aren pandemia, Ukrainako gerra, klima aldaketa eta «trantsizio berdea». Orain, asmo horiek guztiak amaitzea baino ez da falta. «2019an aurkeztu genituen neurri guztien %90 bete ditugu. Hasitako lana amaitu behar dugu datozen hirurehun egunetan». EBren magalean Amaitu gabekoen zerrenda horren parte da, adibidez, Ukrainari babesa ematea. EBk gerra hasi zenetik lagundu du Ukraina, eta horretan jarraitzeko konpromisoa berretsi du gaur. Batzordeak 2024ko martxora arte luzatu zuen iaz iheslari ukrainarrak babesteko direktiba. Bada, neurri hori «beharrezkoa den arte» luzatuko dutela iragarri du gaur Von der Leyenek. Egun, 4 milioi ukrainar inguru daude prozedura horren aterkipean. Asiloa emateaz gain, ekonomikoki ere lagunduko du batzordeak. Aurreikusten dute datozen lau urteetan zehar Ukrainari 50 mila milioi euro ematea, besteak beste, herrialdea berreraiki dezaten. Edonola ere, azken urte eta erdian Ukrainari adierazitako elkartasun horixe bera «krisian» dauden beste eremu batzuetara zabaldu behar luketela esan du presidenteak. Zehazki, Afrikara. Ostiralean Marokon izan zen lurrikarak eta herenegun Libian izandako uholdeek eragindako hondamendiak aipatu zituen batetik; eta, azken bi hilabeteotan Nigerren eta Gabonen izandako estatu kolpeak, bestetik. Gertakari horiek kontinentea «are gehiago ezegonkortu» dezaketela ohartarazi du, eta, beraz, «ezinbestekoa» dela EBren eta AB Afrikako Batasunaren arteko harremanak estutzea. Tokian tokiko krisietatik migrazioaren aferara egin du salto ondoren. Haren arabera, migraziorako akordio batera iristeko «inoiz baino gertuago» dago Europako Batzordea. Iaz nabarmendu zuen horrelako itun baten beharra; besteak beste, EBren asilo politika erreformatzea da hitzarmen horren helburuetako bat. «Pazientziarekin eta elkarlanarekin kudeatu behar da migrazioa», esan du, eta adibidetzat jarri du migrazioaren kontrola indartzeko Tunisiarekin uztailean adostutako ituna. Gaur iragarri duenez, gisa horretako itun gehiago adostu nahi dituzte beste herrialde batzuekin. Txina, fokupean Dena den, beste herrialde batzuekin ez da hain samur agertu. Horien artean, Txinarekin, bere aurkako ikerketa bat jarriko baitu abian batzordeak. Von der Leyenek jakinarazi diote, Asiako erraldoiari egozten diote ekoizpen «legez kanpoko laguntzak» ematea ibilgailu elektrikoen ekoizpenean aritzen diren konpainiei. Txinako Gobernuak onartutako programa batek zerga salbuespenak aitortzen dizkie 2027a baino lehen ibilgailu elektrikoak erosten dituztenei. Batzordearen arabera, «praktika desleiala» da hori, eta erabat aldrebesten du EBren auto elektrikoen merkatua. «Europak onartzen du lehiakortasuna» esan du batzordeko presidenteak; betiere, lehiakortasun hori leiala bada. Edonola ere, Txinarekin hitz egiteko eta eztabaidatzeko prest daudela adierazi du. «Zenbait aferetan posible da, edo beharrezkoa da, bi agenteek elkarrekin lan egitea».
2023-9-13
https://www.berria.eus/albisteak/232735/eh-bilduk-bidegi-auzia-artxibatu-izana-errekurrituko-du.htm
Gizartea
EH Bilduk 'Bidegi auzia' artxibatu izana errekurrituko du
Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak joan den astean izandako jarrera salatu du.
EH Bilduk 'Bidegi auzia' artxibatu izana errekurrituko du. Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak joan den astean izandako jarrera salatu du.
Azpeitiko (Gipuzkoa) instrukzioko bigarren epaitegiak Bidegi auziko bigarren kereila behin-behinean artxibatu zuen joan den astean. Gaur, EH Bilduk jakinarazi du erabaki hori errekurrituko duela, Gipuzkoako Probintzia Auzitegian. Oskar Bordes EH Bilduko batzarkideak eman du erabakiaren berri, Gipuzkoako Batzar Nagusietan. «Uste dugu epaileak uko egin diola hainbat diligentzia praktikatzeari, hirugarren txosten bat egiteari», adierazi du. Izan ere, epaileak bi txosten kontrajarri aztertu ditu bere erabakia hartzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiak egin zituen biak: lehenbizikoa Bilduren gobernuak eskatuta egin zuen enpresa batek, eta bigarrena EAJ eta PSE-EE diputazioan zirenean aurkeztu zuten. Biak irakurri ostean, bigarrenak sendotasun handiagoa duela ondorioztatu zuen epaileak: «Lekukotzekin eta peritu deklarazioekin egindako dokumentuak agerian utzi du jarduera hauen jatorrizko kereilarekin batera aurkeztutako txostenak inkongruentzia ugari zituela», dio autoak. Egoera ikusita, Bordesek gogoratu du fiskaltzak 2021eko uztailean eskatu zuela hirugarren txosten inpartzial bat egiteko, «gertakarien muturreko konplexutasuna eta teknikotasuna» kontuan hartuta. Betiere helburua izanda «ordainketa irregularra egin ote zen» argitzea. Hala ere, epaileak erabaki zuen ez egitea, txostenak izanen lukeen «gehiegizko kostua» kontuan hartuta. «Herritarrek eskubide osoa dute diru publikoa nola erabili zen ezagutzeko», dio Bordesek. Hortaz, helegitean bertan hirugarren txostena egiteko eskatuko du EH Bilduk. Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak agerraldia egin zuen joan den astean, epaileak bere erabakiaren berri eman bezain laster. Agerraldi hartan EH Bildurekiko izan zuen jarrera salatu du Bordesek: «Irmoa ez den epai baten aurrean gaude eta inpartzialtasuna izan beharko genuke ardatz». Adierazi du «egia ezagutzaren aldekoa» dela EH Bildu, eta nahi dutena dela herritarrek jakitea zer egin zen diru publikoarekin. EAJk adierazi du EH Bilduk aurkeztutako helegitea «lehiakide politikoa suntsitzeko bere estrategiaren» parte dela: «Ez dabiltza egiaren bila; haien kontaketa inposatzen baizik». Bi kereila Bidegi auziko bigarren kereilan –joan den astean behin-behinean artxibatu zutena– bost lagun salatu zituen aldundiak, Eskoriatza eta Arlaban arteko zatian egindako lanengatik: Bidegiko hiru arduradun —tartean erakundeko zuzendari tekniko ohi Agustin Zugasti— eta Eurostudios ingeniaritza enpresako buru bat, eta OHL eta Ferrovial enpresa eraikitzaileek lanotarako eratu zuten taldeko beste bat. Aldundiak adierazi zuenez, diru publikoko 17,1 milioi euro oker erabiltzeagatik eta tuneletako lanen ordainketetan dokumentuak faltsutzeagatik izan zen salaketa. Lehenbiziko kereila, berriz, ebazteko dago oraindik. Hiru lagun salatu zituzten: Agustin Zugasti orduan ere, Eptisa-Cinsa ingeniaritzako langile bat, eta Laurena aldi baterako enpresa elkarteko bertze bat. Arrasate-Eskoriatza zatian egin zituzten lanak. Aldundiak salatu zuen agiriek erakusten zutela Basagoitiko lur biltegia beteta zegoela, baina ez zela hala. Horrez gain, lur mugimenduei buruzko agiriak ere okerrak zirela salatu zuten. 3,4 milioi eurokoa da ustezko iruzurra. Zati horretako tuneletako lanak egin gabe 10,3 milioi ordaindu zituztela salatu zuten.
2023-9-13
https://www.berria.eus/albisteak/232736/europako-batasunean-autodeterminazio-eskubidea-arautzeko-proposamena-aurkeztu-dute.htm
Politika
Europako Batasunean autodeterminazio eskubidea arautzeko proposamena aurkeztu dute
Self-Determination caucus-ak egin du, Europa mailan eztabaida sustatzeko asmoz. Prozesu «negoziatuak» nola egin arautzea du xede.
Europako Batasunean autodeterminazio eskubidea arautzeko proposamena aurkeztu dute. Self-Determination caucus-ak egin du, Europa mailan eztabaida sustatzeko asmoz. Prozesu «negoziatuak» nola egin arautzea du xede.
Autodeterminazio eskubidea EB Europako Batasunean gauzatzeko modua ematea, eta halako kasuetan herritarren «eskubide eta askatasunak» errespetatzea. Xede horrekin aurkeztu du Self-Determination caucus-ak Europako Parlamentuari eta Europar Kontseiluari aurkeztuko dion proposamena. Elisenda Casanas Edinburgoko Unibertsitateko irakasleak koordinatu du haren idazketa, eta zenbait euskal herritarrek prozesuan parte hartu dute. Horietako bat da Zelai Nikolas legelaria: «Helburua da eztabaida bat zabaltzea; orain, ukatu egiten da». Nikolasek azaldu du euren erronka izan dela autodeterminazio prozesuak EB mailan arautzeko proposamena egitea, martxan diren itunak moldatzeko beharrik izan gabe. Horretarako bidea topatu dute EBko ituneko bigarren artikuluan. Batasunaren «balio eta printzipioei» egiten die erreferentzia; besteak beste, «gutxiengoen eskubideei» eta «diskriminazio ezari». Izan ere, Nikolasek azaldu duenez, halako prozesu batean ere bermatu behar dira herritarren eskubide eta askatasunak. Hau da, proposamenaren egileen arabera, EB da autodeterminazio prozesu batek batasuneko legediarekin zein haren balio eta printzipioekin bat egiten duela bermatzeko ardura duena. Aurkeztutako proposamenak autodeterminazio prozesu «negoziatu eta adostuen» kudeaketa demokratikorako arauak ezartzeko bidea erakusten du; hori baita gakoetako bat, prozesua «elkarrizketa eta negoziazioen bidez» garatzea. Beraz, azaltzen du estatuko erakundeen eta «estatu barruko komunitateko» ordezkari diren erakundeen artean adostu beharko liratekeela autodeterminazio ariketaren baldintzak, eta horiek «argiak eta ezagunak» izan beharko liratekeela. Testuak, baina, haratago jotzen du, eta prozesuaren fase ezberdinei erreparatzen die. Batetik, azaltzen du autodeterminazio eskaeraren «legitimotasun demokratikoa» neurtzeko zenbait irizpide egon daitezkeela; hala nola, hautu horren aldekoek botoen eta ordezkaritza politiko instituzionalaren ehuneko esanguratsu bat izatea —nahiz eta gehiengoa ez izan— edota galdeketa bidez herritarrek nahi hori adieraztea. Era berean, azaltzen du estatuak ez badu borondate hori ebaluatzeko tresnarik martxan jarri nahi, EBko erakundeei dagokiela «tresna demokratiko alternatiboak» haien eskura jartzea. Prozesua martxan jartzeko baldintzak ezartzea, berriz, estatuaren eskumena litzateke. Baina, berriz ere, zenbait irizpide ezartzen dira prozesua «gardena» izan dadin: erabakia komunitate hartako herritarrek zuzenean eta gehiengoz hartzea, alde guztien parte hartzean berdintasuna bermatzea, galdera «argi eta ulergarri» bat ezartzea, hauteskunde erakunde independente baten begiradapean egitea... Azken urratsa litzateke sezesioaren inplementazioa. Horretarako, estatu kideak zein hartatik banandu den estatu berriak herritarren erabakia onartu behar dute, eta «kooperazio harremanak» mantendu prozesua ahalbidetzeko. Hala egin ezean, araudi proposamenak jasotzen du Europako Batasunak esku hartu ahal izango lukeela: «Testuinguru horretan, Batasuneko erakundeek kontuan hartu ahal izango dituzte aldebakarreko independentzia adierazpenak, behin legitimotasun demokratikoa egiaztatuta». Hau da, adierazten den arren autodeterminazio prozesu baten kudeaketa estatu kideari dagokiola, azaltzen da Europako Batasuneko erakundeek «begirale neutral» rola hartu behar dutela, eta bestelako rolak ere hartu ahal dituztela egoerak hala eskatuz gero; hau da, «gatazka bat» sortuko balitz. Kasu horietan, bitartekaritza lan bat egin dezake batasunak, edo esku hartze zuzen bat, betiere «EBko balioen urraketa larri bat» emateko arriskua badago. Halere, Nikolasek ez du gatazketan zentratu nahi izan, esanez proposamenaren asmoa dela prozesu adostuak garatzeko markoa ezartzea, Europa mailan halako gaiak «normaltasun demokratiko batekin» jorratzeko: «Besterik gabe, ikusten bada gatazka bat sortzen dela, irizpide batzuk ematen dizkio horiek bide negoziatu eta adostuen bidez bideratzeko». Eta gero zer? Halako prozesu batean, Europako Batasunak eta estatu kideek bestelako betebeharrak ere izango lituzkete; besteak beste, prozesua egikaritzeko EBko legedia egokitzea. Izan ere, proposamenean zehaztu dute autodeterminazio prozesuaren emaitza Bruselari jakinarazi ostean, EBko erakundeek eta estatu kideek behin-behineko epe bat ezarri beharko dutela independentzia gauzatu eta estatu berria EBko kide izan daitekeen ebatzi artean, horretarako beharrezko «erabaki legal eta instituzionalak» hartuta. Horretarako gakoa da proposamenean txertatutako markoa: estatu berri bat sortzearen aldeko komunitateak EB barruan jarraitzeko asmoa adieraztea. «Gure kezka zen EBn geratzearena arautzen ez bagenuen, Europak esan zezakeela ez dela bere kontua», zehaztu du Nikolasek. Hala, trantsizio epe horretan, beharrezko neurriak hartu beharko lituzke EBk «nazionalitate arrazoiengatiko diskriminazio eza» bermatzeko; hala nola, estatu berriko herritarrei europar herritartasuna mantentzea, eta lurralde hartan bizi diren beste estatu kide batzuetako herritarren eskubideak bermatzea; bai, behintzat, balizko estatu berri horren etorkizuna ebatzi bitartean. Izan ere, legelariak adierazi du egun «hutsune bat» dagoela hor: «Europako Batasunak ezin du esan ez duela arautuko, europar herritarrentzat ondorioak baititu».
2023-9-13
https://www.berria.eus/albisteak/232738/ieak-ohartarazi-du-urtea-amaitu-arte-petrolio-eskasia-egon-daitekeela.htm
Ekonomia
IEAk ohartarazi du urtea amaitu arte petrolio eskasia egon daitekeela
Saudi Arabiak eta Errusiak merkatutik kendutakoa ez dute guztiz bete AEBek, Brasilek eta Iranek.
IEAk ohartarazi du urtea amaitu arte petrolio eskasia egon daitekeela. Saudi Arabiak eta Errusiak merkatutik kendutakoa ez dute guztiz bete AEBek, Brasilek eta Iranek.
Berri txarrak iritsi dira astea joan eta astea etorri beren ibilgailuak erregaiez hornitzeagatik gehiago ordaindu behar duten gidariei. IEA Nazioarteko Energia Agentziaren arabera, petrolio eskasia izango da gutxienez urtea bukatu bitartean, eta horrek prezio garestiagoak ekarriko ditu. Euskal Herrian, batez beste hamahiru zentimo garestitu zen gasolioa uztailetik abuztura, eta ia beste lau zentimo iraileko lehen egunetan. Gasolina, berriz, hamabi zentimo garestitu da azken hilabete eta erdian. IEAk lerroburuak lortu ditu aste honetan, iragarri duelako erregai fosilen erabilerak uste baino lehenago joko duela goia, hamarkada honen amaiera baino lehen, alegia. Baina une historiko hori oraindik ez da iritsi, eta IEAk kalkulatu du hurrengo hilabeteetan 2,2 milioi upel gehiago beharko direla egunean, 101,8 milioiraino. Hazkunde horren hiru laurden (1,6 milioi) Txinatik iritsiko da, nahiz eta herrialde horren suspertze ekonomikoa uste baino motelagoa den. Eskari handiagoak bat egin du eskaintzaren txikitze batekin. Izan ere, munduko bi petrolio ekoizle handienetako bik, Saudi Arabiak eta Errusiak, iragarri berri dute urte bukaera arte luzatu dutela beren ekoizpena 1,5 milioi upel gutxitzeko erabakia. Haiek eta LPEE+ taldeko beste bazkideak bi milioi upel gutxiago ekoizten ari dira. Zulo hori are handiagoa zatekeen baldin eta Iranek ez balu bere ekoizpena 600.000 upel handitu. LPEE karteleko kide da Iran, baina AEBek jarritako zigorrei aurre egiteko, ez du ekoizpen kuotarik. LPEEren eta haren aliatuek ekoizteari utzi diotenaren zatirik handiena —1,9 milioi upel— karteletik kanpo daudenek merkaturatu dute, batez ere AEBen eta Brasilen eskutik. Superabita eta erreserbak IEAren arabera, petrolio kontsumoak gora egiten jarraituko du datorren urtean, baina erritmo motelagoan. 990.000 upel gehiago beharko dira egunean —haietako bi heren, Txinan—, 102,8 milioiraino. Eskaera hori bete ahal da baldin eta Saudi Arabiak eta Errusiak bere murrizketak amaitzen badituzte. Horrek superabita ekar dezakeela onartu du IEAk, baina ohartarazi du agian ez duela merkatzerik ekarriko, herrialde batzuek aurten hustutako erreserbak betetzeko balia dezaketelako.
2023-9-13
https://www.berria.eus/albisteak/232739/imanol-arregi-iturbide-hil-da.htm
Kultura
Imanol Arregi 'Iturbide' hil da
1970eko hamarkadan pandero jotzaile nabarmenetako bat izan zen. Bizipoza, festa giroa eta dantzarako gogoa zabaltzen saiatu zen beti.
Imanol Arregi 'Iturbide' hil da. 1970eko hamarkadan pandero jotzaile nabarmenetako bat izan zen. Bizipoza, festa giroa eta dantzarako gogoa zabaltzen saiatu zen beti.
Azpeitian sortu zen Imanol Arregi Iturbide, 1935ean, hain zuen, Loiola auzoko Iturbide baserrian. Hamar senideren artean zaharrena zen. Gerraondotik zetorren belaunaldia ongi ezagutzeko aukera izan zuen, eta, soinu jole haiekin ez ezik, askoz geroago plazaratutakoekin ere aritu zen. Besteak beste, Pikua, Errota, Epelde eta Laja izan zituen bikotekide. Makina bat erromeria alaitutakoa zen, eta plaza gutxi utzi zituen egin gabe. Bizipoza, festa giroa eta dantzarako gogoa zabaltzen saiatu zen beti. 15 urte zituela jo zuen estreinakoz jendaurrean. Urrestillako taberna batean izan zen. Hara ekarritako soinujoleak, Antonio Buenetxea Txankarta-k laguntzailea behar zukeela eta, pandero bat jarri zioten eskuetan, eta esan: «Iturbidetarra haiz eta asmatuko duk». Izan ere, pandero jole bat baino gehiago zituen familian, tartean osaba ezaguna, Sakabirekin eta Auntxarekin ibilitakoa. Nori begiratua beharbada bai, baina artean panderorik ez etxean eta igitaia joz zaildu zen. Urrestillako saio harez geroztik askotan eskatu zioten jotzea. «Lotsa ematen», ordea. Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen ekimenez, Iturbide, igitai jolea biografia-liburua idatzi zuen Amagoia Gurrutxagak. Bertako narrazioan agerikoa denez, lanak izan zituen bere jarduna eta trebezia asumitzen. Pandero jotzaile «behartua» zela esaten zuen. «Panderista jaio egin behar da. Panderista da berez bokazioa daukana, eta nik ez neukan. Nik erraztasuna eta festaren bokazioa nituen». Soldaduskan zela heldu zion serioago. Asteburuetan libratzeko aukera ematen zionez, pandero bat eros ziezaioten eskatu, eta gogotik entrenatu zen. Gerora, beste hainbat lanetan baino hobeki kobratzen zuelako, «horretara dedikatzea» erabaki zuen. 36 urte bazituen ordurako. Trikitilarien lanari balioa ematen eragin handia izan zuen Iturbidek. Trikitilariak ere artistak zirela eta behar bezalako ordaina zor zitzaiela aldarrikatu zuen, sarri, baserritar arlote jotzen zituzten lekuetan egin ere. Tradizioaren alde Plaza, erromeria, festa eta ezkontzetan ez ezik, Trikitixa Txapelketetan ere parte hartu zuen. Lau txapel jantzi zituen, lehen hirurak Lajarekin, 1974an, 1975ean eta 1977an, eta azkena, berriz, 1985ean, Miren Etxanizekin. Trikitilari Txapelketen karietara belaunaldien arteko talka lehertu zenean, tradizioaren aldarri ozena egin zuen. Hainbat diskotan ageri da haren artea. Bere lehen grabaketa Enrike Zelaia soinu jolearekin egin zuen 1972an, Euskalerriko Erromeria izenburupean. Trikitilariak diskoan ere parte hartu zuen Lajarekin, eta Urrestillako Trikitixa izeneko diskoa Antonio Aranaga Auntxa soinu jolearekin.
2023-9-13
https://www.berria.eus/albisteak/232740/ehuk-gizartea-eta-lurraldea-egituratzen-dituela-esan-du-eva-ferreirak.htm
Gizartea
EHUk gizartea eta lurraldea «egituratzen» dituela esan du Eva Ferreirak
EHUren ikasturte hasiera ekitaldian, Urkulluk adierazi du %30 handitu dutela unibertsitate publikoaren finantzaketa azken bederatzi urteetan. LAB, Steilas, CCOO eta ELA sindikatuek deituta, elkarretaratzea egin dute EHUko «prekaritate egoerak» salatzeko.
EHUk gizartea eta lurraldea «egituratzen» dituela esan du Eva Ferreirak. EHUren ikasturte hasiera ekitaldian, Urkulluk adierazi du %30 handitu dutela unibertsitate publikoaren finantzaketa azken bederatzi urteetan. LAB, Steilas, CCOO eta ELA sindikatuek deituta, elkarretaratzea egin dute EHUko «prekaritate egoerak» salatzeko.
EHUk hasiera eman dio gaur ikasturte berriari Gasteizko Letren Fakultatean, ekitaldi solemne batean. Han izan dira, besteren artean, Eva Ferreira EHUko errektorea, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria eta Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua. Hitzaldian, Ferreirak hizpide izan ditu EHUk ikasturte honetarako ezarri dituen helburu nagusiak. Erronken artean daude, besteak beste, lankidetza areagotzea gizartearekin eta enpresekin, fakultate eta eskola guztiek diziplina anitzeko prestakuntza proiektuetan parte hartzea, EHU-2030 agenda unibertsitate jarduera osoan txertatzea eta nazioarteko presentzia indartzea. Baina egungo errealitateari ere lotua dago unibertsitatea eta badauka zeregin bat gizartean, Ferreirak nabarmendu duenez: «EHU gure herriaren gizartea eta lurraldea egituratzen duen eragile bat da». Alde horretatik, azpimarratu du dibulgazioa, prestakuntza eta eztabaida jarduerak garatzen dituztela «lurralde osoan», eta ikasturte honetan unibertsitatearen presentzia «indartu» egingo dutela gizarte bazterkeria duten eremuetan. Ferreiraren esanetan, pertsona guztien ongizatearekin eta aurrerabidearekin engaiatuta dago unibertsitatea, eta bere egiteko bat da «aliantzak» egitea eta «zubiak» eraikitzea zientzia, teknologia eta berrikuntzarekin. Hala ere, bada «hobetzeko» tarterik, EHUko errektorearen hitzetan: «Herri osoaren helburua da unibertsitate publikoa hobetzea». Uste du bikaintasuna lortzeko, zientzia eta teknologia sare «sendo» bat beharrezkoa dela eta hori lortzeko «aliantzak» ezinbestekoak direla. Bikaintasun horrek «gizarte hobekuntzetan» isla izan behar duela erantsi du. Nazioarteari begira, ENLIGHT aliantza eta Bordeleko unibertsitatearekin sortutako mugaz gaindiko campusa jarri ditu adibide gisara, eta Shanghaiko rankingean EHUk duen posizioa horrekin lotu du. Bide horretan urrats gehiago ematearen alde egin du Ferreirak, besteak beste, garapen jasangarrirako helburuei lotutako egitasmoak, prestakuntza, ikerketa eta transferentzia bultzatuta. Urkulluk, bere aldetik, EHUk euskal gizarteari eta Europari egindako ekarpena goraipatu du, eta gogoratu du aurten ere Shanghaiko rankingean munduko 500 onenen artean dagoela. EHUren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetza eta akordioaren emaitzak «eraginkorrak» izan direla esan du, eta datu bat eman: Eusko Jaurlaritzak azken bederatzi urteetan EHUren oinarrizko finantzaketa %30 handitu duela. 1.570 milioi euroren inbertsioa aurreikusten du 2023-2025 aldirako Unibertsitate Planak, gogora ekarri duenez. Lankidetza horren isla diren bestelako proiektuen artean, aipatu du datozen lau urtean unibertsitatearen ikerketa euskal hezkuntza sistema osora zabaldu nahi dutela, «zientzian eta bikaintasunezko ikerketan oinarritutako berrikuntzak landuz eta proposatuz», «Prekaritatearen» aurkako protesta EHUren ikasturte hasiera hasi baino ordu erdi lehenago, protesta jendetsua egin dute hainbat irakaslek unibertsitatearen «prekaritatea» salatzeko. LAB, ELA, Steilas eta CCOO sindikatuek deituta egin dute elkarretaratzea. Salatu dutenez, EHUko zuzendaritza ordezko kontratuen egoera «larritzen» ari da irakasle ikertzaileen kasuan. Unibertsitate sistemaren Lege Organikoa ezartzeak EHUko irakasle eta ikertzaileen lan baldintzak «okertu» dituela salatu dute. Jakinarazi dutenez, ardura osoko irakasle-ikertzaileen ordezkoak lanaldi partzialekoak izatea erabaki du EHUk, lan hitzarmenak eta 41/2008 dekretuak jardun osokoak izatea ahalbidetzen duten arren. EHUren erabakiaren ondorioz, ardura osoko ikertzaileen ordezko berriei, askoz jota, soldata osoaren %34 ordainduko zaie, eta, beraz, ordezkoen urteko soldata gordina 7.584 eta 11.360 euro artekoa izango da. «Orain arte egoera partzialean zeuden pertsonek larriki jasan dute prekaritatea, baina gaur egun handitzen ari da» salatu du Ortzi Akizu LAB sindikatuko kidea. Steilas sindikatuko Patxi Azpillagak, berriz, ohartarazi du prekaritatea ez doala lan baldintzen kaltetan, «baizik eta unibertsitate osoaren kaltetan». Kontatu duenez, egoera horrek dakar beste irakasle batzuk «aparteko lana» egin behar izatea, eta horrek antolakuntzan «desorekak» eragiten dituela. ELAko Ane Bilbaok, bestalde, EHUren finantzaketa falta salatu du: «Gobernuak eta errektoretza taldeak unibertsitate publikorako finantzaketa zabalagoa dela dioen propaganda egiten dute, baina ez da horrela, Barne Produktu Gordinaren %0,4a da egun, eta legeak dio %1eko finantzaketa jaso beharko lukeela».
2023-9-13
https://www.berria.eus/albisteak/232741/futbola-eta-indarkeria-izan-dituzte-mintzagai-ehuko-udako-ikastaroetan.htm
Kirola
Futbola eta indarkeria izan dituzte mintzagai EHUko Udako Ikastaroetan
Komunikabideek daukaten garrantziaz mintzatu dira Jone Bastida, Ane Urkiri eta Alvaro Vicente; BERRIAko, Gara-ko, eta El Diario Vasco-ko kazetariak, hurrenez hurren.
Futbola eta indarkeria izan dituzte mintzagai EHUko Udako Ikastaroetan. Komunikabideek daukaten garrantziaz mintzatu dira Jone Bastida, Ane Urkiri eta Alvaro Vicente; BERRIAko, Gara-ko, eta El Diario Vasco-ko kazetariak, hurrenez hurren.
Luze eta zabal aritu dira EHUko Udako Ikastaroetan futbolaren eta indarkeriaren inguruan hizketan. Hainbat hizlarik hartu dute parte egun osoan zehar egindako hainbat aurkezpenetan. Horietako batean kazetariak izan dira protagonista. Komunikabideen papera, babesle edo arrisku sortzaile izan dute gaitzat, eta hiru kazetarik hartu dute parte Koldo Aldalur kazetari ohiak gidatutako mahai inguruan: Jone Bastida BERRIAko kazetariak, Ane Urkiri Gara-ko kazetariak eta Alvaro Vicente El Diario Vasco-ko kiroletako arduradunak. Puri-purian dauden hainbat auzi ekarri dituzte hizpidera; besteak beste, arrazismoa, indarkeria motak, matxismoa, gazte mailetako futbola edo Luis Rubialesen auzia. Indarkeria futbolean: arrazoiak, diagnostikoa eta aurre egiteko aukerak. Hori zen egun osorako gaia. Eta izenburuari berari buruz hausnartu dute lehendabizi hiru kazetariek. «Zergatik futbola eta ez kirola» izan da aurreneko galdera. Argi eta garbi aipatu dute hirurek «batez ere futbolean» ikusten diren jarrerak direla, eta hori probestu dute hizlariek futboleko joera txarrak beste kiroletara pasatzearen arriskuak nabarmentzeko. Emakumeen eta gizonen futbol partidetan desberdintasunik ote dagoen galdetuta, Bastidak aipatu du «bietan» existitzen dela indarkeria, baina «oso errealitate desberdinak» direla azpimarratu du. «Futbolaz ari garenean, orokorrean, gizonezkoenaz ari gara. Emakumeena denean azpimarratu egiten dugu emakumeena dela». Gainera, beste ikuspegi bat ematen ahalegindu da kazetaria. Klub askotan bizi den errealitatea ondo ezagutzen du Bastidak, urte asko eman baititu futbol munduan. «Gazte mailetan gertutik ikusi dut desberdinak izan daitezkeela klub berak gizonen edo emakumeen taldearentzat dauzkan baliabideak, edota taldeari ematen dion garrantzia». Vicentek, bestalde, futbolari profesionalek horrelako mahai inguruetan parte hartzearen garrantzia azpimarratu du. Profesionalen falta sumatu zuen: «Futbolariak dira futbolean protagonistak. Haiek dira eredugarriak izan behar direnak, eta futbol zelaietan ikusten den edozein jarrera itsusi amaitzeko lagundu behar dutenak. Haiek ez badituzte jarrera horiek ahazten, nola eskatuko diegu haurrei horrelakoak ez egiteko?» Bastidak, berriz, beste talaia batetik begiratu beharreko zerbait dela nabarmendu nahi izan du. «Bakoitzak bere ardurak ditu, baina ezin da futbolariengan zentratu. Futbolean ikusten den indarkeriak beste dimentsio bat hartzen du, eta ikuspegi orokor batetik begiratu beharra dago. Arazoa egiturazkoa da». Egoera jakinak ere jarri dituzte mahai gainean. Vinicius Juniorrekin izandako tirabirak, Luis Rubialesen auzia edo Realaren zale batzuek Erromako beste batzuekin izandako liskarrak. Urkirik kazetariek erabiltzen dituzten hitzen garrantzia gogorarazi zuen: «Kazetariok erabiltzen ditugun hitzak oso garrantzitsuak dira. Erantzukizun bat daukagu gazteenak hezteko. Desberdina da emakumeen futbol partida batean edo gizonezkoen partida batean erabiltzen den lexikoa. Mutilekin, tradizionalki, gerrako lexikoa erabiltzen da, eta, ikerketa batzuen arabera, horrek eragina izan dezake zaleen jarreran. Horregatik daukagu kazetariok erruaren zati bat». Gaia Euskal Herrira ekartzeko asmoarekin, probintzialismoaz ere mintzatu zen Urkiri. «Probintzialismoan erantzukizun handia daukagu kazetariok, askotan elikatu egiten baitugu. Athletic eta Realaren arteko lehiak, adibidez, haurrengan eragin handia izan dezake, baita eskolan edo lagun artean harremanak egiterako orduan ere. Gai serioa da, eta arriskutsua beste kiroletara ere eramaten bada». Kazetariaren hausnarketa kontzientea Espainiako hedabideetan kirolari ematen zaion trataera ere ez dute ahaztu nahi izan. «Espainiako irratsaioetan erabiltzen duten hizkerak batzuetan beldurra ematen du. Zaleak justifikazio bat ikusten du hor, eta hortik aurrera zilegi da zaleak esan dezakeena», ohartarazi du Urkirik. Vicentek ere ildo beretik jarraitu du, eta, haren iritziz, askotan gaiaren arabera erraza da jakiten kazetariak esango duena: «Irratia jarri edo telebista jarri, badakit Viniciusen kasuan zer esango duten. Taldearen bandera besterik ez zaie falta. Batzuek ez dute disimulatu ere egiten, eta kamiseta janzten dute. Horrela galtzen da kazetariaren sinesgarritasuna. Erantzukizuna bakoitzarengan dago, kazetariengan eta pertsona ororengan». Bastidak, berriz, kazetariak idatzi aurretik egin beharreko hausnarketaren garrantzia aipatu du: «Kazetariak kontzienteki hausnartu behar du albiste bat tratatzeko orduan zein influentzia izan dezakeen irakurlearengan. Arduraz jokatu behar dugu hedabideetan, pedagogia egin eta indarkeria oro salatu. Adibidez, ez du balio emakumeei ahotsa ematea Martxoaren 8a iristen denean eta gero hori ez izatea egunerokoaren parte». Hiru hizlariak behin eta berriz errepikatu dute ez dela une batetik bestera konpondu daitekeen zerbait, eta «denbora asko» beharko dela. Baina kazetaritzatik ere pixkanaka-pixkanaka urrats txikiak egin daitezkeela aitortu dute, gizartean hobekuntzak ikus daitezen.
2023-9-13
https://www.berria.eus/albisteak/232742/nafarroako-gobernuak-helegitea-jarriko-dio-sanferminetako-erasotzailearen-zigor-murrizketari.htm
Gizartea
Nafarroako Gobernuak helegitea jarriko dio sanferminetako erasotzailearen zigor murrizketari
Hamabost urtetik hamalaura jaitsi dio kartzela zigorra Nafarroako Auzitegi Nagusiak. Biktimak ere erabakiaren aurka egingo du; «penatuta eta urduri» agertu da.
Nafarroako Gobernuak helegitea jarriko dio sanferminetako erasotzailearen zigor murrizketari. Hamabost urtetik hamalaura jaitsi dio kartzela zigorra Nafarroako Auzitegi Nagusiak. Biktimak ere erabakiaren aurka egingo du; «penatuta eta urduri» agertu da.
Nafarroako Gobernuak iragarri du helegitea jarriko duela atzo Nafarroako Auzitegi Nagusiak jakinarazitako erabakiari: 2016ko sanferminetako lehen gauean emakume gazte bat bortxatu zuten bost gizonetako bati zigorra murriztu dio, hamabost urtetik hamalaura, soilik baietz da baietz legea aplikatuta. Felix Taberna lehendakariorde eta Berdintasun kontseilariak adierazi du Nafarroako Berdintasun Institutua arduratuko dela helegitea aurkezteaz, eta lehen instantzian aurrera ateratzen ez bada Espainiako Auzitegi Gorenera jotzea ere aztertuko dutela. Bortxaketaren biktimak ere helegitea jarriko dio ebazpenari. Emakumea atsekabetuta dago zigor murrizketarekin, haren abokatuak jakinarazi duenez: «Penatuta, urduri eta nahigabetuta dago egoera honetara iritsi garelako soilik baietz da baietz legearen aplikazioarekin; bere garaian biktimen eskubideak indartu nahi izan ziren, eta uste du orain erasotzailearen eskubidea indartzen dela». Era berean, gogora ekarri du zigor murrizketaren aurkako boto partikularra eman zuen epaileak argudiatu zuela kondena ezin dela zehaztu «proportzionaltasun aritmetikoko irizpide soilei jarraiki», eta biktimaren abokatua bat etorri da: «Oso argi dugu hori». Zuzendari berria Berdintasun Institutuan Nafarroako Berdintasunerako Institutuak zuzendari berria izango duela iragarri du gobernuak: Patricia Abad izango da. Farmazia lizentziaduna da, eta berdintasunaren eta irakasleen trebakuntzaren arloetan ere badu formakuntza; izatez, Osasunbideko sexu eta ugalketa osasunerako zentroetan hezitzaile lan egindakoa da. Antsoaingo zinegotzi ere izan da 2015etik, Ezkerrarekin.
2023-9-13
https://www.berria.eus/albisteak/232743/elur-arteaga-hirugarren-espainiako-kopako-lehen-proban.htm
albisteak
Elur Arteaga hirugarren Espainiako Kopako lehen proban
Tolosarra 18 urtez azpikoetan igo da podiumera. Maila nagusian, Ainhize Belar bosgarren izan da, eta Haizea Oses seigarren. Maria Benach kataluniarra eta Javier Cano extremadurarra nagusitu dira Kopako lehen proban.
Elur Arteaga hirugarren Espainiako Kopako lehen proban. Tolosarra 18 urtez azpikoetan igo da podiumera. Maila nagusian, Ainhize Belar bosgarren izan da, eta Haizea Oses seigarren. Maria Benach kataluniarra eta Javier Cano extremadurarra nagusitu dira Kopako lehen proban.
Kirol eskaladako Espainiako Kopako lehen proba jokatu zen joan den larunbatean eta igandean Getafen (Madril), zailtasuneko modalitatean, eta hainbat euskal eskalatzaile lehiatu ziren bertan. Proba Indoorwall rokodromoan jokatu zen, Espainiako Federazioak (FEDME), B3Sportainment enpresak eta Indoorwall rokodromoak berak antolatuta. Guztira, 218 partaide izan ziren Getafen, 172 gazteen mailan (14, 16 eta 18 urtez azpikoetan) eta 46 maila absolutuan (17 neska eta 29 mutil). Euskal ordezkariak ere ugari izan ziren Getafen, eta haietako hainbat finaletan sartu ziren, baina emaitzak, oro har, apalak izan ziren. Nabarmentzekoa Elur Arteagak 18 urtez azpikoetan lortutako hirugarren postua. Tolosarra nabarmen ari da gora egiten, eta lehiaketan ere erakusten ari da maila hori. 18 urtez azpikoen maila berean, laugarren izan zen Garazi Uriarte. Maila nagusian, Ainhize Belar bosgarren izan zen, eta Haizea Oses seigarren. Belarrek sailkapeneko fase bikaina osatu zuen larunbatean, hirugarren onena izan zen atarikoan, baina finalean 2 puntura geratu zen. Maila nagusi horretan, Maria Benach kataluniarrak irabazi zuen proba. Mutilen maila absolutuan, Iñaki Arantzamendi zortzigarren izan zen, Javier Cano extremadurarrak irabazitako proban. Gazteen artean, 14 urtez azpikoetan, Eñaut Uson seigarren izan zen. 16 urtez azpikoetan, Maddi Agirre laugarren, eta Ines Allende eta Udane Mujika seigarren eta zazpigarren, hurrenez hurren. Eta 18 urtez azpikoetan, mutiletan, Manex Iñurrategi bosgarren izan zen. Getafeko emaitza guztiak, Espainiako Federazioaren esteka honetan.