date
stringdate
2012-09-20 00:00:00
2023-12-01 00:00:00
url
stringlengths
47
182
category
stringclasses
10 values
title
stringlengths
3
140
subtitle
stringlengths
0
1.17k
summary
stringlengths
5
1.18k
text
stringlengths
2
35.8k
2023-8-25
https://www.berria.eus/albisteak/232102/artaxoako-sutea-kontrolpean.htm
Gizartea
Artaxoako sutea, kontrolpean
Nafarroako suhiltzaileek Artaxoa eta Mendigorria artean zegoen sute handia menderatu dute.
Artaxoako sutea, kontrolpean. Nafarroako suhiltzaileek Artaxoa eta Mendigorria artean zegoen sute handia menderatu dute.
Nafarroako suhiltzaileek gaur goizean jakinarazi dutenez, menderatu dute Artaxoan (Nafarroa) piztutako baso sutea. Nafarroako lau suhiltzaile parketako hainbat kamioi, bi helikoptero eta beste horrenbeste hegazkin ibili ziren atzotik sutea itzaltzen. Suak Artaxoako, Mendigorriko eta, neurri txikiagoan, Añorbeko, Obanosko eta Garesko baso eremuei (Nafarroa) eragin die. Nafarroako larrialdi zerbitzuek atzoko 14:45ean jaso zuten sute abisua, hainbat herritarrek Obanos herrirako bidexkan ke adar bat ikusi ondoren. Sugarrak Mendigorrira hurbiltzen ari zirela ikusita, Nafarroako Gobernuak aparteko baliabideak eskatu zizkion Espainiako Trantsizio Ekologikoko Ministerioari, sutea itzali ahal izateko. Gares eta Mendigorria arteko errepidea eta Allozko urtegia itxi zituzten, hegazkinek ura segurtasunez hartu ahal izateko. Amparo Lopez Nafarroako Justizia eta Funtzio Publikoko kontseilariak iragarri bazuen ere 19:00etarako sute txikia zirudiena kontrolpean hartuko zela, suhiltzaileek hura kontrolatzeko arazoak izan zituzten, eta Lopezek aitortu zuen «une kritikoak» egon zirela. Tenperatura beroek ez zuten lagundu, baina iparraldeko haizeak, bai. Sutea «ikusgarria» izan zela azaldu zuen kontseilariak.
2023-8-25
https://www.berria.eus/albisteak/232103/erresuma-batuko-etorkinentzako-kartzelaontziko-baldintzak-salatu-dituzte-39-iheslarik.htm
Mundua
Erresuma Batuko etorkinentzako kartzelaontziko baldintzak salatu dituzte 39 iheslarik
Estatuko idazkariari bidalitako gutunean jakinarazi dute bere buruaz beste egiten saiatu dela, asteon, itsasontzian bizi den asilo eskatzaile bat.
Erresuma Batuko etorkinentzako kartzelaontziko baldintzak salatu dituzte 39 iheslarik. Estatuko idazkariari bidalitako gutunean jakinarazi dute bere buruaz beste egiten saiatu dela, asteon, itsasontzian bizi den asilo eskatzaile bat.
«Arriskutsua, beldurgarria eta bakartia». Horrelakoa da Portland herriko (Erresuma Batua) Bibby Stockholm kartzela itsasontzia, han zenbait egun igaro dituzten 39 iheslariren hitzetan. The Guardian egunkariaren arabera, hiru orriko dokumentu bat bidali zioten, atzo, estatuko idazkari Suella Bravermani. Gutunean salatu dutenez, iheslari bat bere buruaz beste egiten saiatu da asteon, itsasontziko «baldintza gogorren» ondorioz. Denera, 222 gela ditu ontziak, eta bostehun asilo eskatzailerentzat dago tokia. Baina gela horiek «oso txikiak» dira, «kartzela batean egon ohi direnen modukoak». Halakoxeak dira, halaber, ontziko baldintzak. Han dauden guztiek hamar euro baino gutxiago jasotzen dute egunean, eta itsasontzian egon behar dute gaueko hamaikak baino lehen. Hotel zahar batean daude orain dokumentua sinatu duten asilo eskatzaileak. Baina itsatsiak dituzte itsasontziko egonaldiaren arrastoak: «Oso presente ditugu bakartze eta bakardade sentsazioak, baita egonaldiak eragindako kalte psikologikoak eta emozionalak ere». Horiek hala, asilo eskatzaileen «bizi kalitatea» eta «duin bizitzeko eskubidea» lehentasun egiteko eskatu die Erresuma Batuko Gobernuari. «Nekatuta gaude behin eta berriz oztopoei eta erronkei aurre egin behar izateaz. Dagoeneko ez daukagu indarrik horretarako». Gutuna iritsi da agintarien bulegoetara, eta iheslariek jaso dute erantzuna: «osasun protokolo guztiak» betetzen ditu itsasontziak, hango segurtasuna «beti» izan baitute «lehentasun». Halere, jakinarazi dute uraren sistemaren kalitatea aztertzen ari direla, eta inor ez dela itsasontzira itzuliko urak «segurtasun irizpide guztiak» betetzen dituela ziurtatzen duten arte. Legionella bakterioa Hain justu, gaur bi aste 39 lagun atera behar izan zituzten itsasontzitik, ur sisteman legionella bakterioa aurkitu ondoren. Organismora sartu eta handik hamasei egunera bitarte ager daitezke sintomak: beherakoa, eztul lehorra eta nahasmendua, besteak beste. Kasurik larrienetan, biriketako infekzioak sor ditzake, baita heriotza ere. Baina, gutuna idatzi dutenek salatu dutenez, gobernuko «inork ez zien behar bezala» azaldu bakterio hori zer den, edo zer arrisku izan ditzakeen. «Interneten begiratu behar izan genuen. Bakterio hori dugun guztiak hotel bakarrean gaude. Batzuek eztula dute, baina guztiok gara beldur. Oraindik ere oroitzen dut dutxako urak begiak nola erretzen zizkidan». Bakterioaren berri izan zutenean, itsasontzira itzultzeari uko egin zioten dozenaka iheslarik. Baina mehatxu egin zien gobernuak: «ontzira itzultzen ez denak ez du gobernuaren babesa izango». Uztailaren 18an iritsi zen Bibby Stockholm Portlandera. Itsasontziak 222 gela ditu, eta aurretik hoteletan zeuden bostehun asilo eskatzaile eraman zituzten hara. Alderdi Kontserbadoreak orduan esan zuenez, gastuak murrizteko. Egun, 51.000 asilo eskatzaile inguru daude Erresuma Batuan. Hoteletan bizi dira gehienak, eta horrek ia zazpi milioi euroko kostua du gobernuarentzat.
2023-8-25
https://www.berria.eus/albisteak/232104/green-legrand-eta-nikou-ere-zinemaldiko-sail-ofizialean-lehiatuko-dira.htm
Kultura
Green, Legrand eta Nikou ere Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatuko dira
'The Assistant', 'Jusqu'à la garde' eta 'Mila' debuten zuzendarien bigarren filmak Urrezko Maskorra eskuratzeko lehian izango dira. Donostiako Zinemaldiko lehiaketa ofizialeko zuzendarien erdiak dira emakumeak.
Green, Legrand eta Nikou ere Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatuko dira. 'The Assistant', 'Jusqu'à la garde' eta 'Mila' debuten zuzendarien bigarren filmak Urrezko Maskorra eskuratzeko lehian izango dira. Donostiako Zinemaldiko lehiaketa ofizialeko zuzendarien erdiak dira emakumeak.
Donostiako 71. Zinemaldiak itxuratu du Sail Ofiziala. Beste zazpi filmekin osatu dute programa: opera prima bat, bost bigarren film eta lehiaketatik kanpoko emanaldi berezi bat. Aurretik aurkeztutakoekin elkartuta —gehienak, zuzendari ezagunagoenak—, era askotako lanak erakutsiko dituzte jaialdiko atal nagusian: denera, hamasei film izango dira Urrezko Maskorra eskuratzeko lehian. Horien zuzendarien erdiak emakumeak dira. Sei film hauek batu dira lehiaketara: Kei Chika-Uraren Great Absence, Isabella Eklofen Kalak, Kitty Greenen The Royal Hotel, Xavier Legranden Le successeur, Christos Nikouren Fingernails, eta Tzu-Hui Peng eta Ping-Wen Wangen Chung xing (A Journey in Spring). Thomas Liltiren Un métier sérieux lana emanaldi berezi batean estreinatuko dute. Peng eta Wang taiwandarren opera prima-k emaztea hil berritan doluari aurre egin beharko dion gizon baten istorioa kontatzen du. Beste bost filmak, berriz, beren zuzendarien bigarren lanak dira. Chika-Ura japoniarraren lehen lana, Complicity, Berlingo eta Torontoko jaialdietan eman zuten. Great Absence bigarren filmean, aktore gazte bat aitarekin harremanetan jarriko da berriro, haren bigarren emaztea desagertu ondoren. Elkof suediarrak Ali Abbasiren Gräns filma idatzi zuen, zuzendariarekin batera. Bere lehen film luzea 2018an aurkeztu zuen, Sundancen: Holiday. Groenlandiara bizitzera joan den erizain daniar baten istorioa kontatu du Kalak lan berrian. Zinemaren industriaren barneko indarkeria matxista irudikatu zuen Green australiarrak The Assistant bere aurreneko lanean (2019), eta arrakasta handia lortu zuen, batez ere AEBetan. Julia Garner protagonistarekin lan egin du berriro The Royal Hotel-en; bi motxiladunen bidaiari buruzko thriller bat da. Legrand frantziarra ere urrutira iritsi zen bere lehen lanarekin: 2017an, Veneziako Zinemaldian aurkeztu zuen Jusqu'à la garde zaintza partekatuari buruzko filma, eta zuzendaririk eta opera prima-rik onenen sariak irabazi zituen han, baita ikusleen saria ere, gerora, Donostian. Urrezko Maskorra lortzeko lehian ariko da Le successeur lanarekin. Aita hil ondoren, familiako etxean sekretu izugarri bat aurkituko du filmeko protagonista diseinatzaileak. Ibilbide apalagoa izan bazuen ere, Nikou greziarraren estreinako lanak ere bereganatu zuen zaleen arreta, 2020an. Veneziako Orizzonti saila abiatu zuen haren Mila (Apples) filmak, eta harrera ona izan zuen. Ingelesez filmatu du bigarrena: Fingernails. Bikoteen maitasuna egiazkoa ote den probatzeko erakunde bat irudikatu du han. Sail Ofizial osoa Film hauek ere izango dira Urrezko Maskorra irabazteko lehian, jaialdiak lehendik jakinarazi zuenez: Maria Alche eta Benjamin Naishtaten Puan, Jaione Cambordaren O corno, Robin Campilloren L'île rouge, Isabel Coixeten Un amor, Isabel Hergueraren El sueño de la sultana, Raven Jacksonen All Dirt Taste of Salt, Joachim Lafosseren Un silence, Noah Pritzkerren Ex-Husbands, Cristi Puiuren MMXX eta Martin Rejtmanen La práctica. Lehiaketatik kanpo, Hayao Miyazakiren Kimitachi wa do ikiruka (The Boy and the Heron) filmarekin abiatuko da Sail Ofiziala, eta James Marshen Dance First-ekin bukatu. Emanaldi berezi batean aurkeztuko dute Fernando Truebaren eta Javier Mariscalen They Shot the Piano Player, baita Javier Ambrossi eta Javier Calvo Los Javis bikote artistikoaren La Mesías telesaila ere.
2023-8-26
https://www.berria.eus/albisteak/232105/fifak-gutxienez-90-egunez-zigortu-du-rubiales.htm
Kirola
FIFAk gutxienez 90 egunez zigortu du Rubiales
Futbolarekin zerikusia duen edozein ekintzatan parte hartzeko debekatu dio behin-behinean. Nazioarteko Federazioak espedientea ireki dio Munduko Kopan izan zuen jokabideagatik.
FIFAk gutxienez 90 egunez zigortu du Rubiales. Futbolarekin zerikusia duen edozein ekintzatan parte hartzeko debekatu dio behin-behinean. Nazioarteko Federazioak espedientea ireki dio Munduko Kopan izan zuen jokabideagatik.
Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioko presidenteak jaso du lehen zigorra jada. Nazioarteko Futbol Federazioko (FIFA) Diziplina Batzordeak gutxienez 90 egunez zigortu du behin-behinean. Futbolarekin zerikusia duen edozein ekintzatan parte hartzeko debekatu dio. Jorge Ivan Palacio batzorde horretako presidenteak jakinarazi du gaur FIFAk zer neurri hartu duen Rubialesen aurka. Ostegunean, espedientea ireki zion, eta gaur, berriz, auzia aztertu arte zigortu du. Halaber, bai Rubialesi eta bai haren ingurukoei debekatu egin die Jennifer Hermosorekin harremanetan jartzea. «[Rubialesek] ez du egin beharrekoa egin». Horrela mintzatu da Victor Francos Espainiako Kirol Kontseilu Goreneko burua herenegun goizean Luis Rubialesek zabaldutako erabakiaz. Francosek adierazi zuen kontseiluak salaketa bat jarriko zuela egun horretan TAD Espainiako Kirola Administratzeko Epaitegian. Ekintza «akats oso larri» gisa definitu zuen Francosek. Hala, epaitegiari eskatu dio ezohiko bilera bat egin dezala datorren astelehenean, eta ahal bezain pronto aztertu dezala Rubialesen kargugabetzea. Horrez gain, Hermosok berak baieztatu du musua ez zuela «baimendu»; eta taldekide guztiek adierazi dute ez direla taldera itzuliko zuzendaritza aldatu arte. Ikusi gehiago: Zenbat Rubiales Izan ere, ostiral goizean Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioko presidenteak adierazi zuen bereari eutsiko diola: «Barkamena eskatu dut keinuagatik. Eta azaldu dut. Uste duzue horrek halako ehiza merezi duela? Nire dimisioa merezi du? Ba, kontu bat: ez dut dimitituko». Eta txalo zaparrada jaso zuen federazioak Madrilen egin zuen ezohiko batzarrean zirenen partetik. Rubiales kinka larrian da: bere aurkako salaketak eta espedienteak jaso eta jaso aritu da joan den igandetik. Munduko Kopako finalean izan zuen portaeraren ondorioa ziren: lehenbizi, Espainiak irabazi zuela ospatzeko, keinu itsusiak egin zituen palkoan; eta, gero, dominak banatzeko orduan, musu bat eman zion ezpainetan Jennifer Hermoso Espainiako selekzioko jokalariari, haren borondatearen aurka. Musua «espontaneoa, elkarren artekoa, euforikoa eta adostutakoa» izan zen, Rubialesek batzarrean argudiatu zuenez. Ziurtatu zuen Hermosori galdetu ziola ea musua eman ahal zion, eta baiezkoa eman ziola jokalariak. Haatik, bere kontrako salaketak gaitzetsi zituen: «Feminismo faltsua gaitz handia da herri honetan. Hau hilketa soziala da, ez da justizia egitea». Hermosok, baina, berehala adierazi zuen musua ez zuela «baimendu». Horrez gain, hura eta gainerako taldekideak ez dira selekziora itzuliko zuzendaritzan aldaketak egon arte. Euskal jokalariak badira tartean, Irene Paredes eta Oihane Hernandez, adibidez. Hainbat hedabidek jakintzat ematen zuten presidenteak kargua utziko zuela; gertukoenei jakinarazi omen zien hala egingo zuela. Ordu erdi inguruz aritu zen Rubiales, eta, batzarreko beste hainbat punturen artean, bere posizioa defendatu zuen. Dena dela, barkamena eskatu zuen palkoan egin zituen keinuengatik, «euforia une batean» eskuekin genitalei eutsi zienekoak. Gau hartan «izugarri emozionatu» zela azaldu zuen, «kontrola galtzeraino». Rubialesen diskurtsoaren aurretik, Jennifer Hermosok berak «neurri eredugarriak» hartzeko eskatua zuen, Futpro sindikatuaren bidez zabaldutako ohar batean: «Gure elkartearen bidez, eskatzen diogu Espainiako Futbol Federazioari beharrezkoak diren neurriak hartu ditzala, gure jokalarien eskubideen alde egin dezala eta neurri eredugarriak hartu ditzala». Horrez gain, Espainiako Kirol Kontseilu Gorenari eskatu zioten «aktiboki susta» dezala «sexu jazarpenaren, matxismoaren eta sexismoaren aurkako prebentzioa». Ikusi gehiago: Futbolari eta kirolari askok egin dute Rubialesen aurka Madrilgo Fiskaltzak, berriz, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzari bidali dio Futbol Entrenatzaileen Espainiako Eskolako presidente Miguel Galanek aurkeztu duen salaketa. Auzitegiko fiskaltzaren esku dago sexu erasoagatik salaketa onartzea. Galanek ere aurkeztu du beste salaketa bat Espainiako fiskaltzan. Bide penalaz gain, Espainiako Futbol Federazioko presidenteak haren kontrako beste bi salaketa ditu, Kirol Kontseilu Gorenak eta Kultura eta Kirol Ministerioak aurkeztu dituztenak. Nafarroako eta Euskadiko federazioak Rubialesen erabakia jakin orduko, Rafael del Amo Espainiako Emakumezkoen Futbol Kontseiluko eta Nafarroako Futbol Federazioko presidenteak dimisioa aurkeztu zuen, hura «errespetatu» badu ere. «Ezin naiz egon sinesten ez dudan proiektu batean», adierazi zion kazetari bati, kalean. Bertan izan ziren tokian tokiko presidenteen artean berau izan zen Rubialesen jarrera «irmoki» gaitzetsi zuena. Dena dela, zehaztu zuen palkoan gertatutakoak mindu duela bera; Jennifer Hermosori egindakoari ez dio «garrantzirik» eman. «Asko zor» diola aitortu zuen Del Amok; emakumezkoen futbola «indartuta atera da, askoz gehiago egingo delako haren alde». Rubialesek presidente izateari uzteko ordua heldu dela deritzo; Madrileraino joan nahi izan zuen «aurpegira» esateko. Bestalde, Euskadiko Futbol Federazioak adierazi zuen bere presidenteak dimisioa aurkeztuko duela Espainiako Futbol Federazioaren Zuzendaritza Batzordearen hurrengo bilkuran. Horrez gain, ez zen batzarrera joan, munduko txapelketako «sari banaketan gertatutako larritasuna dela eta». Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako presidenteek ere dimisioa aurkeztu dute.
2023-8-25
https://www.berria.eus/albisteak/232106/hiru-urteko-kartzela-zigorra-gipuzkoako-aldundiaren-tutoretzapeko-haurra-eraman-zuen-bikotearentzat.htm
Gizartea
Hiru urteko kartzela zigorra Gipuzkoako Aldundiaren tutoretzapeko haurra eraman zuen bikotearentzat
Haurraren ama eta haren bikotekidea otsailean atxilotu zituzten Frantzian. Ezingo dira hamar urtez haurrarengana gerturatu.
Hiru urteko kartzela zigorra Gipuzkoako Aldundiaren tutoretzapeko haurra eraman zuen bikotearentzat. Haurraren ama eta haren bikotekidea otsailean atxilotu zituzten Frantzian. Ezingo dira hamar urtez haurrarengana gerturatu.
Hiru urte eta egun bateko kartzela zigorra ezarri dio epaileak Gipuzkoako Foru Aldundiaren tutoretzapean zegoen haurra eraman zuen bikoteari. Haurraren ama eta haren bikotekidea dira zigortuak, eta ezingo dira umearengana hurbildu hamar urtez. Era berean, guraso ahala kenduko diote amari zazpi urterako. Bikoteak urtarrilaren amaieran eraman zuen Aldundiaren tutoretzapeko haurra. Aste batzuk geroago aurkitu zituzten Frantzian, eta bertan atxilotu zuten bikotea. Amari adingabeak ostea egotzi diote, eta haren bikotekideari, berriz, ezinbesteko laguntzaile izatea. Urtarrilaren 29an eraman zuten haurra Donostiatik. Hori baino hiru egun lehenago geratu zen aldundiaren tutoretzapean, «babesgabe» zegoela erabaki ostean. Epailearen ebazpenaren arabera, haurra hezitzaile batekin paseatzen ari zen Tabakalera inguruan. Bertan egin zuten topo haurraren amarekin eta haren bikotekidearekin. Orduan, haurra hartu, eta Frantziara egin zuten alde. Otsailaren 17an aurkitu zituzten bikotea eta haurra Marseillan (Frantzia). Haurra onik zegoen, eta Frantziako gizarte zerbitzuen esku utzi zuten. Ama eta bikotekidea atxilotu egin zituzten.
2023-8-25
https://www.berria.eus/albisteak/232107/amiantoaren-eraginez-hildako-beste-langile-bat-aitortu-du-gizarte-segurantzak.htm
Ekonomia
Amiantoaren eraginez hildako beste langile bat aitortu du Gizarte Segurantzak
Asviamiek salatu du amiantoak eragindako heriotzen jatorria ezkutatu dela, eta dekretua urratu. Kalte ordainak emango dizkiote familiari.
Amiantoaren eraginez hildako beste langile bat aitortu du Gizarte Segurantzak. Asviamiek salatu du amiantoak eragindako heriotzen jatorria ezkutatu dela, eta dekretua urratu. Kalte ordainak emango dizkiote familiari.
Asviamie amiantoaren biktimen taldeak jarritako salaketaren ondorioz, Gipuzkoako Gizarte Segurantzak aitortu du Juan Carlos P.T. amiantoaren eraginez hil zela. Hori dela eta, dagozkion kalte ordainak emango zaizkio hildakoaren alargunari. 2022ko urrian hil zen, 66 urte zituela, biriketako minbiziarekin. Gaixotasuna amiantoarekin lan egiteak eragin zion. Hamar urtez egin zuen lan Hernaniko Biyakbat fabrikan, non, amiantoa zuten lurrun galdarak eta tutuak manipulatzen zituen. Ondoren, hiru urtez egin zuen lan Pasaiako portuan, eta geroztik eta jubilatu arte, Pasaiako Algeposa enpresan. Hil ondoren, aurtengo apirilaren 23an, Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak, langilea amiantoarengatik hildako posibleen artean jarri zuen. Besteak beste, 2021. urtean Osakidetzako txostenak hamar urtez amiantoarekin kontaktuan egon zela biltzen zuelako. Asviamiek salatzen du «ebidentzia eztabaidaezina» izan arren, Osakidetzak eta Onkologikoak ez zutela bete amiantoak eragindako gaixotasunaren susmoa jakinarazteko betebeharra; gaixoaren eta familiaren kalterako, eta mutuaren mesederako. Azkenik, elkarteak adierazi du iruzur mota horren aurka beste salaketa batzuk ere jarri dituela Eusko Jaurlaritzako osasun sailean eta ez dutela erantzunik jaso.
2023-8-25
https://www.berria.eus/albisteak/232108/plataforma-teknologiko-handienak-edukia-gehiago-zaintzera-behartuta-daude-europan.htm
Ekonomia
Plataforma teknologiko handienak edukia gehiago zaintzera behartuta daude Europan
Gaurtik aurrera ezarriko da X, Facebook, TikTok, Google eta antzekoetan legez kanpoko edukia eta eduki kaltegarria murrizteko Zerbitzu Digitalen Legea Europako Batasunean.
Plataforma teknologiko handienak edukia gehiago zaintzera behartuta daude Europan. Gaurtik aurrera ezarriko da X, Facebook, TikTok, Google eta antzekoetan legez kanpoko edukia eta eduki kaltegarria murrizteko Zerbitzu Digitalen Legea Europako Batasunean.
Gaurtik aurrera, EB Europako Batasunean edukiak gehiago zaintzera eta moderatzera behartuta daude Interneteko hemeretzi bilatzaile eta plataforma handi, eta, Zerbitzu Digitalen Legea urratzen badute, isun handiak ordaindu beharko dituzte. Sarean topatu daitezkeen legez kanpoko edukiak eta eduki kaltegarriak murrizteko legea 2022an onartu zuen EBk. Apirilaren 16tik dago indarrean, baina konpainia handiek gaur arteko epea izan dute zerbitzuak egokitzeko. Orain behartuta daude beren webguneetatik lehenbailehen kentzera legez kanpoko edukiak, hala nola haurrei egindako sexu abusuen irudiak, eta desinformazioa eta gorrotoa zabaltzen duten mezuak eta produktuak, baita ziberjazarpenari bide ematen diotenak ere. Legez kanpokoa zer den, baina, ez du Zerbitzu Digitalen Legeak ezartzen: EBko eta estatu kideetako legediak hartuko dira kontuan horretarako. Konpainiak behartuta egongo dira funtzionamenduari dagokionez gardenago izatera ere. Hemeretzi handi Haien webguneek hilabetero 45 milioitik gora erabiltzaile europarren bisitak izaten dituztelako –europarren %10enak–, oraingoz hemeretzi konpainiari eragiten die legeak: Facebook, Instagram, TikTok, X (Twitter), Youtube, Snapchat, Linkedin eta Pinterest sare sozialei; Amazon, Booking, Aliexpress, Zalando eta Google Shopping salmenta plataforma handiei; Wikipediari eta Google Mapsi; Googlen eta Applen app dendei; eta Google Search eta Bing bilatzaileei. Konpainietako batek Zerbitzu Digitalen Legea urratuz gero, Europako Batzordeak isuna jar diezaioke, urteko diru sarrera globalen %6rainokoa. Urraketa larria bada, salbuespen gisa, Batzordeak EBn jarduteko aldi baterako debekua ere jar diezaioke plataformari, bilatzaileari edo dena delakoari. Legea betetzen den egiaztatzeko, Batzordeak besteak beste Gardentasun Algoritmikorako Europako Zentroa izango du Sevillan (Espainia). Lan horiek finantzatzeko, gainera, bilatzaile eta plataforma handiek haien diru sarreren %0,05 ordaindu beharko dizkiote Europako Batzordeari. Sare sozialek lehenbailehen ezabatu beharko dituzte legez kanpoko edukiak baldin eta agintari eta norbanakoen jakinarazpena jasotzen badute. Norbanakoek ohartarazpen horiek egin ahal izateko, plataformek prozedura errazak jarri beharko dituzte eskura. Tokiko legeak betearazteko, EBko herrialdeetako agintariek konpainiari agin diezaiokete legez kanpoko edukia kentzeko, berdin dio zein den konpainiaren jatorrizko herrialdea. Halako edukiak sarritan sareratzen dituzten erabiltzaileen kontuak bertan behera utzi beharko dituzte plataformek, betiere erabiltzaileari abisu bat eman ostean. Legez kanpoko edukiez gain, legez kanpoko produktuen —faltsutuak edota arriskutsuak direlako—salmenta ere murriztu nahi du legeak. Salmenta plataformek «eginahalean» jardun beharko dute horretarako. Gainera, hala eskatuz gero, produktu horien saltzaileen trazabilitatea eskaini beharko dute. Algoritmoak Halaber, konpainiak behartuta egongo dira algoritmoetan oinarritutako edukien gomendio eta publizitateen parametroak azaltzeko, eta, edukiak gomendatzeko algoritmo aukeren artean, gutxienez batek ez du oinarritu beharko erabiltzaileen datu pertsonaletan. Ildo horretan, Zerbitzu Digitalen Legeak mugatu egin nahi ditu publizitate pertsonalizatuak, eta erlijioaren, sexu preferentzien, osasun informazioen eta sinesmen politikoen inguruko datu pertsonalen araberako publizitate pertsonalizatuak debekatuko ditu. Helburu horrekin, haur eta nerabeen datuak jasotzea ere debekatuko die plataformei. Konpainia teknologiko handi batzuek jada iragarri dute neurriak hartu dituztela. Facebookek, esaterako, Europako erabiltzaileei aukera ematen die ikusten dituzten kontuek zabaldutako edukiak egokitzeko. Tiktokek ere aukera ematen du bideo eskaintza erabiltzailearen kokapenaren arabera egiteko edo mundu zabaleko oihartzunaren arabera, eta ez konpainiaren algoritmoen arabera. Snaptchaten, berriz, publizitatea jartzen duten konpainiek ez dute modurik izango nerabeei publizitate pertsonalizatuak erakusteko. Hemeretzi konpainietatik bik, bestalde, Zerbitzu Digitalen Legeari buruzko kritikak auzitara eramatea erabaki dute. Amazonek eta Zalandok uste dute ez dutela egon behar plataforma teknologiko oso handien zerrenda horretan.
2023-8-25
https://www.berria.eus/albisteak/232109/ibarrolaren-agerraldia-eskatu-du-eh-bilduk-azalpenak-eman-ditzan-bitxien-auziaren-gainean.htm
Politika
Ibarrolaren agerraldia eskatu du EH Bilduk, azalpenak eman ditzan bitxien auziaren gainean
Koalizio subiranistak Iruñeko alkateari galdetuko dio ea karguaz baliatu ote zen bitxi denda bat sustatzeko, eta oparirik onartu duen.
Ibarrolaren agerraldia eskatu du EH Bilduk, azalpenak eman ditzan bitxien auziaren gainean. Koalizio subiranistak Iruñeko alkateari galdetuko dio ea karguaz baliatu ote zen bitxi denda bat sustatzeko, eta oparirik onartu duen.
EH Bilduren Iruñeko udal taldeak Cristina Ibarrola alkatearen agerraldia eskatu du irailaren 5eko Lehendakaritza Batzorderako. Azalpenak eskatuko dizkiote, uztailean alkatearen irudia azaldu baitzen bitxi denda baten sare sozialetan, bitxi batzuen sustapena egiten. Zehazki, EH Bilduk Ibarrolari galdeginen dio «azaldu dezala zergatik erabiltzen den bere irudi instituzionala ekitaldi ofizial batean, bitxi denda pribatu bat sustatzeko». Hau ez da auzia azaleratzen den lehen aldia. Uztailaren 31n, bitxi dendaren argazkiak argitara atera zirenean, informazioa eskatu zuen EH Bilduk, baina, ordutik, UPNk ez du azalpenik eman: «Ia hilabete igaro da bitxien fakturak eskatu genituenetik, eta ez dugu erantzunik jaso, eta alkateak ere ez digu erantzun ea sustapen horretarako baimena eman zuen ala ez». Zehazki, aurtengo uztailaren 7ko prozesioan, Iruñeko Udalaren agerraldi ofizial batean eta Gaixoa ni ekitaldietan eginiko argazkiak dira bitxi denda horrek Instagramen ikusgai jarritakoak. Horietan, Ibarrola alkatea ikus daiteke, denda horretako bi belarritakorekin eta lepoko batekin. EH Bilduk horien guztien fakturak eskatu ditu, eta, hori egin ezean, hiru galdera planteatuko ditu: batetik, ea bitxiak «maileguan» emandakoak ote diren, «ekitaldi jakin batzuetarako eta kontratu bidezko harreman batekin»; bestetik, alkateak baimena eman ote zuen argazki horiek publizitate asmoekin argitaratzeko; eta, azkenik, ea Ibarrola bat datorren bere irudia horrela erabiltzearekin. «Orain arte, isiltasuna izan da eman diguten erantzun bakarra». Luxuzko poltsa bat Tokiko hedabide batek bitxien aferaz galdetu zien bitxi dendaren arduradunei. EH Bilduk salatu duenez, dendariek iradoki zuten halakoak «normalak» direla, eta horren adibidetzat jo zuten «alkateak luxuzko poltsa bat» jaso zuela. «Informazio hori ez dute ukatu, eta, beraz, horri buruz ere galdetuko diogu alkateari agerraldian». Koalizio independentistak gogorarazi du Gobernu Onaren Kodeari buruzko 2/2011 Foru Legearen 3. artikuluak debekatu egiten diela udal hautetsiei edozein opari onartzea: «Ohiko erabilerez, erabilera sozialez eta kortesiaz harago doan edozein opari, mesede edo zerbitzuri uko eginen zaio».
2023-8-25
https://www.berria.eus/albisteak/232111/bilboko-udaltzaingoak-agente-bat-zigortuko-du-kranba-txosnako-gertakarien-ostean.htm
Gizartea
Bilboko Udaltzaingoak agente bat zigortuko du, Kranba txosnako gertakarien ostean
Bilboko alkateak nabarmendu du poliziaren «indarkeria» ez dela «existitu» Bilboko Aste Nagusian. Jakinarazi dutenez, «bide publikoan txiza egiteagatik» zigortuko dute agentea.
Bilboko Udaltzaingoak agente bat zigortuko du, Kranba txosnako gertakarien ostean. Bilboko alkateak nabarmendu du poliziaren «indarkeria» ez dela «existitu» Bilboko Aste Nagusian. Jakinarazi dutenez, «bide publikoan txiza egiteagatik» zigortuko dute agentea.
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak Radio Euskadin jakinarazi du Bilboko Udaltzaingoak zigorra ezarri eta diziplina espedientea irekiko diela Aste Nagusian liskar batean parte hartu zuten bi udaltzainei. Halere, Udaltzaingoa bi agenteak ikertzen ari den arren, oraingoz, horietako bati bakarrik jarri diote zigorra, «bide publikoan txiza egiteagatik». Bilboko Konpartsek poliziaren «indarkeria» eta udalaren jokabidea salatu zuten joan den asteartean egin zuten elkarretaratzean. Bertan jakinarazi zuten, besteak beste, Kranba txosnaren kanpoko aldean «bi mozkor» txiza egiten ikusi zituztela. Bertako konpartsakide batzuk beraiengana joan ziren txosnagunea errespeta zezatela eskatzeko. Adierazi zutenez, konpartsakideek bi lagunei egindako eskaeraren ostean, horiek «oldartu» egin ziren, eta konpartsakideei eraso egin zieten. Gehitu zutenez, eraso egin zieten konpartsakideek mehatxuak jasan zituzten hurrengo: «Uniformea janztean bizitza ezinezko egingo dizut, eta, bestela, hilko zaitut» eta «Nire mutil laguna ukituz gero, hilko zaitut», adierazi zieten, gazteleraz. Orduan, konpartsen arabera, mehatxugileetako batek bere burua zerbitzuz kanpoko poliziatzat identifikatu zuen, eta azaldu zuten segituan 30 udaltzain inguruk konpartsakideak inguratu zituztela eta eraso egin zietela. Bitartean, hasierako bi erasotzaileek ihes egin zutela azaldu zuten Konpartsek. Aburtoren bertsioa ez da guztiz berdina: «Bi pertsona txosna batean pixa egiten hasi ziren, eta txosnakideek errieta egin zieten, baita garagardo katxiren bat bota ere. Horrek liskarra sortu zuen; eta, horren berri izanda, udaltzainak bertaratu ziren, zer gertatzen ari zen ikusteko». Gehitu duenez, liskarraren ondoren bi pertsona horiek identifikatu zituzten, eta zerbitzuz kanpo zeuden udaltzainak zirela jakin zuten. Gertatutakoa ikusirik, Bilboko alkateak azaldu du jarduera hori ez dela Udaltzaingoarena: «Ekintza mota hori ez da Udaltzaingoarena; medikuak, arkitektoak edota iturginak izan zitezkeen». Liskar horretan Udaltzaingoak izan zuen jarrera ez zen Konpartsek astearteko elkarretaratzean salatu zuten gertaera bakarra. Jakinarazi zutenez, Aste Nagusiko bigarren egunean, Udaltzaingoak kaleko bi saltzaileri lan tresnak kendu zizkien. Duela bi aste ere emakume bat atxilotu zuten, udaltzain batek kaleko saltzaile bat atzematea galarazteagatik. Aburtok nabarmendu du «poliziaren indarkeria» ez dela «existitu» Bilboko Aste Nagusian. Gainera, salatu du batzuek «Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren aldez aurreko gaitzespen testuinguruan gertatutako ekintzak nabarmentzeko interesa» dutela. Horren harira, ziurtatu du lanean ari ziren polizien jarduna «zuzena» izan zela: «Gatazka bat zegoen, eta Udaltzaingoa gatazka hori konpontzera joan zen». Horren harira, ERNE, ESAN eta Sipe sindikatuek konpartsen «hipokrisia» eta «errealismo falta» salatu dute. Haien ustez, Bilboko Udaltzaingoaren aurkako «jazarpen kanpaina» bat egin dute. Horrez gain, alderdi politiko guztiak publikoki posiziona daitezela eskatu dute. Bestalde, Bilboko alkateak adierazi du Aste Nagusian «herritarren segurtasunean» jarri dutela arreta: «Udal bat gobernatzeko erantzukizuna dugunok oso argi izan behar dugu zein diren herritarren beharrak, eta Bilboko Udalak ahalegin handia egin du; Bilbon inoiz baino gehiago handitu dugu udaltzain taldea, ia 900 udaltzain izateraino». Gehitu du, lanpostuen zabalpen hori egin dela «herritarrek eskatu» dutelako: «Segurtasuna lehen kezketako bat bihurtu da, eta nik hari erantzuteko betebeharra dut. Konpartsak gorabehera, Bilboko alkateak eta Udalak herritarren eta jaietara bertaratzen direnen segurtasuna zaintzen jarraituko dute».
2023-8-25
https://www.berria.eus/albisteak/232112/futbolari-eta-kirolari-askok-egin-dute-rubialesen-aurka.htm
Kirola
Futbolari eta kirolari askok egin dute Rubialesen aurka
Rubiales Espainiako futbol federazioko presidenteak ez duela dimitituko esan du. Futbolari eta kirolari asko bere aurka agertu dira.
Futbolari eta kirolari askok egin dute Rubialesen aurka. Rubiales Espainiako futbol federazioko presidenteak ez duela dimitituko esan du. Futbolari eta kirolari asko bere aurka agertu dira.
#SeAcabó (#BukatuDa) mezuarekin hautsi dute isiltasuna igandean Munduko Kopa irabazi zuten Espainiako selekzioko emakumeek. Rubialesek gaur ez duela dimitituko esan du, eta haren jarreraren aurkako mezua da. Alexia Putellas Bartzelonako jokalariak, 2021ean eta 2022an munduko jokalari onena izendatu zutenak, hautsi du isiltasuna X sare sozialaren bidez. Harekin batera beste kirolari askok defenditu dute Jennifer Hermoso jokalaria. Horien artean daude, besteak beste, Aitana Bonmati, Athenea del Castillo, Catalina Coll eta Olga Carmona. Irene Paredes legazpiarrak, Maite Oroz nafarrak, Nerea Eizagirre Realeko jokalariak eta Ainhoa Tirapu Athleticeko jokalari ohiak ere Hermosoren aldeko mezuak igo dituzte sareetara. Amaiur Sarriegi Realeko jokalariak Vilda selekzionatzailearen aurka egin zuen eta haren dimisioa eskatu zuen, Espainiako selekzioko beste jokalari askorekin batera. Sarriegik bere ekintza eta ideiei tinko eutsi zien, eta ligako jokalari onenetako bat izan arren, haren jarrerarengatik ez zen Munduko Koparako hautatua izan. Amaiur Sarriegik sareetan mezu bat igo du Rubialesen jarrera salatzen. Mapi Leon Bartzelonako defentsa, munduko onenetakoa den arren, Amaiur Sarriegirekin batera munduko txapelketatik kanpo gelditu zen, eta Hermosoren aldeko mezua igo du. Mutilen artean ez dira hainbeste izan publikoki beraien iritzia eman dutenak. Betiseko lau jokalari izan dira Rubialesen aurka zerbait esan duten bakarrak, oraingoz: Borja Iglesias, Antonio Ruibal, Isco eta Hector Bellerin. Borja Iglesias aurrelariak esan du arazo eta gatazka hauek konpondu arte Espainiako selekzioan egoteari uko egingo diola. Iscok, orain dela pare bat egun argi utzi zuen Rubialesen muxua «botere abusua» izan zela. Ruibalek eta Bellerinek Instagrametako istorietan igo dute Ruibalesen aurkako beraien iritzia. Iker Casillas, Real Madrileko atezain ohiak ere «auzo-lotsa» idatzi du X sare sozialean. Beste kirolari batzuk ere Rubialesen jarrera salatu dute. Maria Perez, ibilketan bi aldiz munduko txapeldun denak TVEn salatu du gertatutakoa. Andrea Vilaro, Ainhoa Lopez eta Maria Araujo saskibaloi jokalariek, berriz, X sare sozialera igo dute Hermosoren aldeko mezua.
2023-8-27
https://www.berria.eus/albisteak/232114/buia.htm
Kultura
Buia
Oñatin jaio zen (Gipuzkoa), 1995ean. Idazlea eta BERRIAko kazetaria da. Orain hamar urte abiatutako Itu literatur bandako kidea izan zen, eta haren bueltan argitaratu zituen bere lehen lanak, baita ikuskizunak egin ere. Iaz, bere estreinako poema liburua atera zuen, Susa argitaletxearekin: Gu gabe ere. Espainiako Kritikaren Saria irabazi zuen liburuak. Gu gabe ere, biharamunean izeneko emanaldi batean aurkeztu izan du, Mikele Landa zinemagilearekin batera. Beraneantea narrazioa ere badu argitaratua, Bilboko Udalaren Gabriel Aresti lehiaketan saritutako beste ipuin batzuekin batera osatutako bilduman, Erein etxearen bidez. Jakin aldizkarian ere idatzi izan du.
Buia. Oñatin jaio zen (Gipuzkoa), 1995ean. Idazlea eta BERRIAko kazetaria da. Orain hamar urte abiatutako Itu literatur bandako kidea izan zen, eta haren bueltan argitaratu zituen bere lehen lanak, baita ikuskizunak egin ere. Iaz, bere estreinako poema liburua atera zuen, Susa argitaletxearekin: Gu gabe ere. Espainiako Kritikaren Saria irabazi zuen liburuak. Gu gabe ere, biharamunean izeneko emanaldi batean aurkeztu izan du, Mikele Landa zinemagilearekin batera. Beraneantea narrazioa ere badu argitaratua, Bilboko Udalaren Gabriel Aresti lehiaketan saritutako beste ipuin batzuekin batera osatutako bilduman, Erein etxearen bidez. Jakin aldizkarian ere idatzi izan du.
Ari nintzen pentsatzen: nola bateratu daitezke gure bizitzen mugak harago eramateko gogoa, baina gauzak arinago hartu beharra; neurriak hartzea, baina dena neurtzen ez bizitzea? Ez dakit. Ez dizut ondo jarraitzen hiztegi hori ateratzen duzunean. Zergatik gaude hain gutxitan lasai? Ja. Ur ertzeko horien bumerana bezalakoa da. Etengabe itzultzen da zerbait, presio klase bat, eta ikaragarria da ez izatea guztiz uxatzeko gauza; beti jotzen du bueltan ekartzen didan norbaiten gorputzean, ahotsean, are gaurkoa bezalako opor egun batean, han eta hemen, han eta hemen, zeharkaldian halako bits horixka moduko bat bilduz. Polena bezala? Adibidez. Ez duzu esan, baina badakit pentsatu duzula. Pentsatu zer. Kutre-kutrea dela apartamentua, Iztu. Logelak ez du leihorik, hormigoia sofa barruan ere sartu dutela dirudi, eta zarata... ea gauean. Aberatsak izan nahiko genukeela ari zara esaten? Ez da hori. Bada, noski. Haien bizitzetako isiltasun magnetikoa, bista zabal-zabalak lorategira ateratzean, pote politetan batutako janari horiek denak... Orain esango duzu: aberatsak bagara, Iztu. Indio eran jarrita, egun gutxitan beltzarandu zaion izter zati bat atximurkatzen ari da, suge larru estanpatuko bikini-kuleroen hegalean. Laranja azala behatz mamien artean. Iaztik hona nabarmen ugaritu zait. Ongietorri zuri ere, eta barre egin dut, fuga txiki bat. Kale-saltzaile bati erosi dion oihal handi batean gaude, zuri-beltzezko elefante-kate baten gainean. Niregatik balitz, nor bere toallan geundeke, baina ezin dut ezer esan. Niregatik etorri da Mediterraneo aurrera, azken orduko eskaintza bati amore emanda —lau gau, hirurehun euro—, eta etxean urak hazita utzita. Iztu dena posible zen lekura itzultzea da. Ez nuke hau egin behar bere aurrean. Bere bizitzan, eta utzi dion azala ikusita kasik inbidia diot enpatia baino gehiago, beti egon dira marea biziak, ekaitz itxiak, garrantzitsuena atzean ez geratzea izan den egunak, ez dutenak aurrera egitearen antz handiegirik, hondoratu gabe eustearekin baizik. Egiaz, ez dut inoiz jakin zein izan ziren institutu garaian ama eta biak herrian bat-batean agertzearen arrazoi zehatzak. Beti sutan dagoen eltze bat bezalakoa da, esan zidan behin, urtetara. Kontuz izan behar da urak ez dezan gainez egin. Baina ahaztu itzali ahalko duzunik. Atzera-buelta bihurriak dituzten bideetan sartzen hasi gara. Hori da? Zuen haurdunaldiagatik diozu ala nire hipotekagatik? Niri orain atximurka. Begira, eta hodei ubelen masa pitzatzen hasi da; ikusi dugu, entzun ia: argia zerua tarratatzen. Liburua apartatu dut eta besoak garondo atzean lotu. Orain bai bainua. Arratsaldeko zazpiak eta dozena erdi bat giza orban laurehun metro eskaseko hondartzan. Betaurrekoen azpian begiak tximututa jarraitu dugu arrakala, atzean zer dagoen asmatu nahi genuke, eta emakume bat hurbildu da masaje bat eskaintzera —hogei minutu hamabi euro—. Irribarre gatzgabe bat itzuli eta igeri egitera sartu da Iztu. Ahopean segitzen dut: kontrapisu egiten jakin nahiko nuke nik ere. Flotatu. Ez sentitu denbora hainbeste, nahikoa izan egunean egunekoarekin, hainbeste kalkulu egin gabe. Buia bat izan, inon gutxi lortzen diren ziurtasunez puztuta, neguan elurra ikustea ziurra zenean bezala, igeri egon, hauek dira nire kaleak esan dezaketenak bezala, hauek zahartzen doazen nire lagunak, hauek lau urtaroak beren fruituekin. Oroitu atzean geratzen direnen igeriketa barea, ezagutzeko geratzen dena arrainez, algez, gizakiaren pasio negargarriez. Hur koloreko melena bi eskuekin estutu eta euri egin dit bizkarrean. Nahi baduzu aurreratu. Etxera deitzeko aprobetxatuko dut. Ados, eta musu bat kopetan. Oinetako haragi kozkorrak hozkatzeko arrainontzi argiztatuak, souvenir dendak, eguzkiz eguzkiko lanaldiak. Berrespena: ez dakit zergatik etortzen garen halako lekuetara. Kanpotik ikusi dut neure burua beti bakarrik gauden bidegurutzera iritsita, eta ezin izan dut saihestu: hau baino gehiago merezi dugu eta hau baino dezentez gutxiago. Eraikin artetik itsaso puska bat bistaratzean parean eseri naiz. Ez da dardara hauetarako sasoia, Joana. Gutxienez hamar urte aterako dizkiodan neska ilehori batek ekarri dit garagardoa —hiru euro eta erdi—, eta arkitektoaren bi mezu ikusi ditut. Bueltarako, baina obraren lehen aurrekontuak dira. Badirudi horma pare bat bota ahalko ditudala. Pozak hartu nau. Eta hala ere ezin erosi errepikatzen dizkidatenak. Ilusioa. Zortea. Loteria balitz bezala. Zerbezak, patatak, arrautzak, ura, tomatea, ahuakatea, ogia eta urdaiazpikoa erosi ditut bidean. Pausa prosaikoa. Autoak alokatzeko lokal baten aurretik igarotzean, ilaran jarri, bi egunetarako zenbat galdetu —berrogeita hemeretzi—, eta erreserba eginda utzi dut biharamunean lehen ordurako. Fiat Panda beltza. Iztu dutxan da heldu naizenean, mugikorreko musikaren gainetik kantu-marmarrean. Balkoian jarri naiz, eguzkiak jandako plastikozko aulki zurietako batean, hankak luze. Autoen gainetik ozentzen joan da trumoi hotsa, eta otoitz moduko bat egin dut eraman diezadan laino mendi hau. Burua biratu dudanean egongela erdian biluzik dago krema zabaltzen, bere ebakortz bereizien amildegitik irribarrez, nire Decathloneko toalla buruan eta ozpinetakoen lata batetik gorroto ditudan pepino txikiak eta tipula zurixkak arrantzatzen. Leila Guerriero oroitu dut: hau da salbatuko gaituen zoriona, faltan izango dugunean hilko gaituen berbera. Dena ondo? Imajinatzen dut. Bihar deituko dut, hobeto. Ongi ikusi du autoarena. Nora joango garen galdetu dit, eta, une batez, irla batean gaudela ahanztera arte, iruditu zait edonora joan gintezkeela.
2023-8-25
https://www.berria.eus/albisteak/232115/estitxu-arozena.htm
Estitxu Arozena
Estitxu Arozena.
Estitxu Arozena bertsolaria Mutrikun jaio bazen ere, lesakarra da. Lesakako bertso eskolatik irtendako lehen belaunaldiko kidea da, eta 16 urterekin eman zuen plazetan jarduteko pausoa. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan parte hartu zuen 1993tik 2005era, eta Nafarroako Bertsolari Txapelketa bitan irabazi du, 1995ean eta 1998an. Bertsolaritzaren historiako emakumezko lehen txapelduna da. Plaza utzita dago 2011tik, eta Bortzirietako bertso eskolako irakaslea da. Psikologia eta Sexologia ikasketak eginak ditu.
2023-8-25
https://www.berria.eus/albisteak/232116/aner-peritz.htm
Aner Peritz
Aner Peritz.
Aner Peritz bertsolari zarauztarrak Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa irabazi zuen 2020an, eta aurreko bi urteetan Euskal Herriko eta Gipuzkoako eskolarteko txapelketetako txapeldunorde izan zen. Xenpelar eta Lizardi sariak ere irabazi ditu. Iaztik, eRRe ikuskizuneko parte hartzailea da, Oihana Aranarekin, Leire Vargasekin eta Haizea Aranarekin. Laukoteak aurten aurkeztu du Azken oturuntza ikuskizuna, eta, Argia-ren eskutik, iazko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren berri eman dute.
2023-8-25
https://www.berria.eus/albisteak/232117/euskal-presoen-giza-eskubideak-errespetatzea-exijitu-du-sarek-bilbon.htm
Politika
Euskal presoen giza eskubideak errespetatzea exijitu du Sarek Bilbon
Konpartsekin batera, manifestazioa antolatu du Aste Nagusian. Salatu dutenez, gaur gaurkoz, ez dago justifikaziorik «salbuespen juridikoari» eusteko.
Euskal presoen giza eskubideak errespetatzea exijitu du Sarek Bilbon. Konpartsekin batera, manifestazioa antolatu du Aste Nagusian. Salatu dutenez, gaur gaurkoz, ez dago justifikaziorik «salbuespen juridikoari» eusteko.
«Euskal presoei oraindik ere salbuespenezko legedia aplikatzen zaie», salatu du Bego Atxa Sare Herritarreko bozeramaileak gaur, Bilboko Aste Nagusian egindako manifestazio jendetsuan. Bilboko Konpartsekin antolatu dute protesta, eta euskal presoen giza eskubideak errespetatzea exijitu dute. «Euskal presoen giza eskubideen urraketa ez da amaitu; horren adibide nagusia da Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak jarraitzen duela presoei emandako hirugarren graduen %75i helegitea jartzen», adierazi du Atxak. Etxera lelopean, Plaza Eliptikotik abiatu dute manifestazioa, eta Euskal presoak etxera! eta Etxerako bidean, oztoporik ez oihukatuz, Kale Nagusia zeharkatu dute, udaletxera heldu arte. Bi fanfarrek girotu dute manifestazioa, baita trikitilari eta panderojole talde handi batek ere. Udaletxearen parean, topa egin dute herritarrek, «azken urteetako lorpenak» ospatzeko. «Esperantza garaietan bizi gara euskal presoen gaian», nabarmendu du Atxak. Gizarteari eta ekimen politiko, sindikal eta juridikoei egindako lana aitortu die: «Haiei esker etapak ixten joan gara, pixkanaka gauzatzen joan dadin gure leloa: etxera». Atxak ez du aipatu gabe utzi 34 urte baino gehiagotan urruntze politikak eragin duen oinazea: «Ez bakarrik kartzeletan, baita senideen kolektiboan ere». Orain, etapa «berri batean» sartu direla azpimarratu du: «Preso, iheslari eta deportatuak etxera itzultzeko bidea irekitzeko etapa». Konpromiso «irmoa» «ETAk jarduera armatua bukatzeko erabakia hartu eta hamabi urtera, eta bere burua desegin eta bost urte baino gehiago igaro ondoren, ezin da jarraitu Euskal Herrian ezer aldatu ez bailitzan». Atxak kritikatu duenez, gaur egun, ez dago «inolako justifikaziorik» salbuespen juridikoari eusteko. Hori dela eta, konpromiso «irmoa» eskatu die eragile politiko, sindikal eta sozialei, kartzeletan pairatzen duten salbuespen egoera «behingoz» buka dadin. Atxak argi utzi du ez direla euskal presoentzako «pribilegioak» eskatzen ari. Espetxe politikarako legedia arrunta aplikatzea nahi dute: beste edozein presori aplikatzen zaiona. Hau da, euskal presoentzako «legezkotasuna» eskatu dute. Udaletxearen parean egindako ekitaldian, Sareko bozeramaileak herritarrei dei egin die: «Etxean nahi ditugu; eta helburu hori errealitate izan dadin, den-denok behar zaituztegu». Aste Nagusia baliatu nahi izan dute errebindikazioa egiteko: «Aste Nagusiaz gozatu eta eskubideak aldarrikatu». Izan ere, Donostiako Aste Nagusian ere manifestazioa egin zuen Sarek, baita Gasteizko jaietan ere. Azken horretan Etxerat-ek ere hartu zuen parte. Bilboko manifestazioaren ostean, elkartasun bazkaria antolatu dute Txori Barrote konpartsan. Arratsaldean, gainera, ekimena egingo dute Kaskagorrin, 17:30ean. Horren ostean, Skabidean musika taldeak emango dio amaiera egunari, Kaskagorrin bertan kontzertua eskainiz. 18:00etan izango da hori.
2023-8-26
https://www.berria.eus/albisteak/232118/zenbat-rubiales.htm
Kirola
Zenbat Rubiales
Zenbat Rubiales.
Aurreko artikuluan dago jasoa Luis Rubialesek aho handiarekin eta azal gogorrarekin egindako diskurtso faxista: faxista, misogino eta matxista. Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioko presidentea da, eta Espainiako selekzioak Munduko Kopa irabaztean, sari banaketan, Jennifer Hermoso jokalariari emandako musuak sortutako harrabotsaren harira emandako prentsaurrekoan esan ditu hitz horiek. Bi eskuekin burutik heldu, eta ezpainetan musu eman zion. Nagusiak langileari. Behartuta. Pentsa fokupean eta mila kameraren aurrean hori egiten badu argiak itzaltzean zer egingo ote duen. Ikusi gehiago: Espainiako Gobernuak Rubialesen jokabidea salatu du, eta kargutik kentzeko eskatu Rubialesek aurrez ere bazituen ilunak, eta ez gutxi. Sindikatuan harekin lanean aritu zen batek, Tamara Ramosek, salatu egin zuen eraso egin ziolako, federazioko diruarekin orgia ilegalak egiten zituen… Kontu horiek jakinak ziren, baina itzalean zeuden. Botereaz baliatuz egindako zapalkuntzak, baina antza argi gorririk pizten ez zutenak. Orain, baina, alarma gorria piztu du Rubialesek Munduko Kopan emandako musuak. Ez da, ordea, Rubiales bakarrik, edo Rubialesen musua. Erasoari pisua kentzea da. Rubialesen jarrera justifikatzen duten tituluak dira. Hermoso erruduntzat hartzen duen txiolandia. Ahotsa altxatu duten emakumeak agertu arte futbol sistemak dardararik ez egitea; alegia, sistemak Rubiales zuritzea. Sistema da. Hermosorenak ez diren hitzak bereak balira bezala argitaratzea. Rubialesek Hermosori eta Andresi -kapitainari- bere jarrera matxistari pisua kentzeko egindako mehatxuak. Jokalariak kate motzean lotzea, beldurtzea, eta katea askatzeko giltza eskuetan dutenek ezer gutxi -edo ezer ez- egitea. Vilda entrenatzailearen babesa, eta isiltasuna, eta baita Vildak talde teknikoko kide bati titia ukitzea ere. Hermoso erruduntzat hartzea ez hitz egiteagatik, oporretan egonda oporretan egoteagatik. Sumatzea barkamena eskatzera derrigortu dutela lehen kolpean. Eta bigarren kolpean berrestea barkamenik ez dela, eta, are, barkatzekorik ez duela, dimisioa eman beharrik ez duela. Ez dimititzea da. Mugimendu feministari «feminismo faltsu» deitzea. Eta hitzaldi hori –eta, beraz, ekintza– txalotzea. Atzetik Rafael del Amo Emakumezkoen Futboleko Espainiako Batzordeko presidenteak dimititzea. Rubialesek «ehiza» deitzea justizia eskatzeari, eta berak ehizan aritzeko zilegitasuna sentitzea, izatea. Hau guztia bere aurkako «erailketa soziala» dela esatea. Ahots gogorrez hori lasai esatea. Barrabilak ukitzea. Harropuzkeria. Aldageletan ere jokalariak ukitzea. Ahoan ez bada ere musu gehiago ematea, gezurrak egia balira bezala zabaltzea. Aurreko hilabeteetan selekzioko emakumeen kexak egia zirela sinisteko hau gertatu behar izatea. Ulertzea hainbatek zergatik egin zioten uko Munduko Kopa jokatzeko ametsari. Rubiales da, bai, baina inguruan zenbat Rubiales dituzue? Espainiako Selekzioa ez da nire selekzioa, ez nau ordezkatzen; baina auzi hau bai, nirea da, eta emakume horiek ordezkatzen naute. Rubialesez inguratuta baitaude, baikaude.
2023-8-25
https://www.berria.eus/albisteak/232120/tentsio-eremuan-diren-iparraldeko-24-herrietan-etxebizitzaren-alokairua-mugatu-ahalko-da.htm
Gizartea
Tentsio eremuan diren iparraldeko 24 herrietan etxebizitzaren alokairua mugatu ahalko da
Patrice Vergriete Frantziako etxebizitza ministroak adierazi du Euskal Elkargoak ahalmena izango duela alokairua mugatzeko. Araua ez betetzeak 5.000 euro arteko isuna ekarri dezake.
Tentsio eremuan diren iparraldeko 24 herrietan etxebizitzaren alokairua mugatu ahalko da. Patrice Vergriete Frantziako etxebizitza ministroak adierazi du Euskal Elkargoak ahalmena izango duela alokairua mugatzeko. Araua ez betetzeak 5.000 euro arteko isuna ekarri dezake.
Alokairuen gehiegizko prezioari muga jarri ahalko dio Euskal Elkargoak Ipar Euskal Herrian, tentsio eremu izendatuta dauden 24 herrietan. Gaur baieztatu du Patrice Vergriete Frantziako etxebizitza ministroak, Bunuzen (Behe Nafarroa) egin diren etxebizitzaren inguruko jardunaldi batzuetan. Hala ere, neurria 2024tik aurrera ezarri ahalko du Elkargoak. Alokairuari ezarritako muga baino prezio altuagoa ezartzen dionak, 5.000 euro arteko isuna jaso ahalko du neurria indarrean sartzen denean pertsona fisikoen kasuan, baina legea urratzen dutenak pertsona juridikoak badira, 15.000 eurora arte igoko da isuna. Ipar Euskal Herrian 2014an Frantziako Asanbleak onartutako ALUR legeak definitzen du tentsio eremua. 50.000 biztanletik gorako urbanizazio eremu jarraituak definitu zituzten, etxebizitza eskaintzaren eta eskariaren artean desoreka nabarmena dutenak, eta etxebizitza eskuratzeko zailtasun handiak eragiten dituztenak. Hain zuzen, orain legea ezartzeko aukera izango den Lapurdi kostaldeko 24 herri izendatu zituzten tentsio eremuan, BERRIAk duela egun batzuk Etxebizitzaren inguruko seriean azaldu zuen bezala. Aspaldiko aldarria Gaur egun, tentsio eremua Ipar Euskal Herri guzira hedatzea eskatzen dute hainbat eragile politiko eta sozialek. Hala ere, eragileek pozik hartu dute Vergrieteren baieztapena. Etxebizitzaren arloan erreferentzialtasuna duen Alda mugimenduak, esaterako, berri «bikaina» dela adierazi du, eta esan du «aurrerapauso handia» izan daitekeela maizterrentzat, legea «anbizio handiz» aplikatzen bada. Horrez gain, gogorarazi du neurri hori Herrian Bizi plataformaren aldarrikapenetako bat izan dela, eta iritzi dio «herri mobilizazioak» eragina izan duela ministerioaren erabakian. Jean-Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariak ere begi onez ikusi du berria. Izan ere, iazko otsailetik, alokairuen prezioa mugatzeko aukera izatea eska dezakete herriek. eta Euskal Hirigune Elkargoak hautagaitza aurkeztua zuen Ipar Euskal Herriko herrientzat.
2023-8-25
https://www.berria.eus/albisteak/232121/garaipenik-lortu-ezinda-jarraitzen-du-realak.htm
Kirola
Garaipenik lortu ezinda jarraitzen du Realak
Berdindu egin dute txuri-urdinek Las Palmasen zelaian. Partida kaxkarra jokatu dute, eta etxekoak hobeak izan dira
Garaipenik lortu ezinda jarraitzen du Realak. Berdindu egin dute txuri-urdinek Las Palmasen zelaian. Partida kaxkarra jokatu dute, eta etxekoak hobeak izan dira
Mikel Laboa zenaren kantuak dioen bezala, hegoak ebakiz gero ez dago gehiago txoria izaterik. Bada, Reala ere ez da bera izaten ari denboraldi hasiera honetan, ezta gutxiagorik ere. Besteak beste, ohiko joko eta nortasunetik urrun agertu da, hegoak ebaki baitizkio, nork eta Las Palmasek. Partida kezkagarria jokatu dute txuri-urdinek, lehen zatian batez ere, eta emaitza bera izan dute albisterik onena. Las Palmasek hiru bider bidali du baloia langara, eta horrez gain, Remirok bertsiorik onena plazaratu behar izan du. Aparteko geldiketak eginda, hura izan da txuri-urdinetan onena. Hots, azken minutuetan garaipena lortzeko aukera on batzuk izan ditu Imanolen taldeak, baina ezin ezkuta daiteke sasoi onetik urrun direla donostiarrak, jokoz zein fisikoki. Zenbakiek ez diote gezurrik, eta jokoan izandako bederatzi puntuetatik soilik hiru batu dituzte. Horrez gain, sentsazioak txarrak izan dira. Sasoiko lehen garaipena lortzeko baikor zen Imanol neurketaren atarian, eta hasierako hamaikakoari erreparatuta bazen horretarako motiborik. Izan ere, Mikel Merino, taldearen gidaria, prest zegoen denboraldiko lehen minutuak jokatzeko. Ordea, nafarraren presentziak ez dio mesederik egin taldeari. Las Palmas nahi erara aritu da: baloia ezker eskuin mugitzeko ez du arazorik izan, eta presioan ere baloi asko eskuratu ditu. Hortik iritsi zaizkio gol aukerak. Sandrok, esaterako, langara bidali du baloia bosgarren minutuan. Eta gauza bera egin du Loiodicelek hortik hamar minutura. Areaz kanpotik egindako jaurtiketa bortitzak langa jo du, Remirok baloia hatzekin ukitu ondoren. Suarekin jolasten zebiltzan txuri-urdinak, eta mirariz ez dira kiskali. Ezin izan dute jokorik kontrolatu, ez baitira gai baloia oinetan izateko, eta estrategia jokaldietan ere sufritu egin dute. Korner batean gola gertu izan dute etxekoek. Esanguratsua izan da, adibidez, Zubimendiren eta Remiroren arteko jokaldia, atsedenaldiaren atarian. Erdilariak atezainari eman behar dio baloia, beste askotan bezala, baina biek ez dute elkar ulertu, eta baloia kornerrera joan da azkenean. Bistakoa zen konfiantza erabat galduta zegoela Imanolen taldea, eta, horregatik, atsedenaldian aldaketa bikoitza egin du entrenatzaileak. Sadiq eta Oiartzabal zelairatu zituen Carlos Fernandez eta Barrenetxearen ordez. Gutxienez, bigarren zatiaren hasieran ez du hainbeste sufritu Realak. Jokoaren kontrol handiagoa izan du, jokalariak hobeto kokatuta baitzeuden zelaian. Gainera, erasoan Oiartzabalek pare bat agerpen on izan ditu, baina abiadura eta inspirazioa falta izan zaizkio min egiteko. Azken txanpan hautsi egin da lehia, eta bi areatan izan da arrisku sentsazioa. Zubimendik oso gertu izan du gola buruz, baina beste aldean ere hirugarren aldiz langara bidali du baloia Las Palmasek. Zakharian errusiarrak debuta egin du txuri-urdinekin, baina ezer gutxi egin ahal izan du bere taldearen jokoa hobetzeko. Berdinketa ontzat jo du Imanolek amaieran, baina, ezbairik gabe, taldeak badu zer hobetua. Larunbatean izango du lehen garaipena lortzeko aukera. Granada hartuko du etxean.
2023-8-26
https://www.berria.eus/albisteak/232140/inigo-penak-urrezko-domina-irabazi-du-munduko-txapelketan.htm
Kirola
Iñigo Peñak urrezko domina irabazi du Munduko Txapelketan
K2 1000 metroko modalitatean gailendu da zumaiarra. Lau domina ditu Munduko Txapelketan; hau du urrezko lehena.
Iñigo Peñak urrezko domina irabazi du Munduko Txapelketan. K2 1000 metroko modalitatean gailendu da zumaiarra. Lau domina ditu Munduko Txapelketan; hau du urrezko lehena.
Lehia estua izan du Iñigo Peñak Duisburgen (Alemania) jokatzen ari diren piraguismoko Munduko Txapelketan. Horrek ez dio eragotzi urrezko domina irabaztea. K2 1000 metroko modalitatean gailendu da zumaiarra, Pedro Vazquez espainiarrarekin batera. Horrela ospatu du Peñak, behin proba amaituta: «Saio bikaina izan da, oso kontent gaude. Munduko txapeldunak gara». Ez dute erraza izan helmugara lehen iristea. Hungariako bikote Bence Bajda eta Tamas Szantoi-Szabo fin aritu dira, eta azken txanpan lortu dute Peñak eta Vazquezek aurrea hartzea. Atzo, K1 500 metroko finalean ere lehiatu zen zumaiarra. Zortzigarren geratu zen. Dena den, oraindik badu abagunerik beste domina bat irabazteko munduko txapelketan: K2 500 metro mistoko finalerdia jokatuko du gaur, Barbara Pardorekin. Peñak badaki zer den podium gainera igotzea, baina lehen urrea du Munduko Txapelketan. Hala, lau domina ditu dagoeneko: 2018an zilarrezko eta brontzezko domina bana irabazi zituen, K2 1000 metroko eta K4 1000 metroko modalitateetan, hurrenez hurren; 2019an, zilarra lortu zuen berriro, K2 1000 metroko proban. Europako Txapelketan ere badu palmares luzea: hiru brontzezko domina, bi zilarrezko, eta urrezko bat.
2023-8-26
https://www.berria.eus/albisteak/232141/txileko-estatu-kolpeari-buruzko-bi-txosten-desklasifikatu-dituzte-aebek.htm
Mundua
Txileko estatu kolpeari buruzko bi txosten desklasifikatu dituzte AEBek
Militarren matxinada gertatu baino hiru egun lehenago Nixoni bidalitako dokumentuen arabera, Allendek uste zuen irtenbideak politikoa izan behar zuela. Txileko Gobernuaren arabera, dokumentuei sekretua kentzeak «egiaren bilaketa» sustatzen du.
Txileko estatu kolpeari buruzko bi txosten desklasifikatu dituzte AEBek. Militarren matxinada gertatu baino hiru egun lehenago Nixoni bidalitako dokumentuen arabera, Allendek uste zuen irtenbideak politikoa izan behar zuela. Txileko Gobernuaren arabera, dokumentuei sekretua kentzeak «egiaren bilaketa» sustatzen du.
Txileren eskaera historiko bati erantzunez, 1973an herrialdean gertatutako estatu kolpeari buruzko bi dokumentu desklasifikatu ditu AEBetako Gobernuak. Irailaren 11n eman zuten kolpea militarrek, eta orain sekretua kendu diete zerbitzu sekretuek Etxe Zuriko orduko maizter Richard Nixoni (1969-1974) irailaren 8an eta 11n bertan bidali zizkioten txostenei. Kolpe saiakeraz ohartarazten dute aurrenekoan; eta bigarrengoan nabarmentzen dute saiakera babestekoak direla «funtsezko zenbait unitate militar». Kolpearen 50. urteurrenaren atarian desklasifikatu dituzte bi dokumentu horiek, eta AEBetako Estatu Departamentuak atzo ohar batean azpimarratu zuenez, horren helburua da bi herrialdeek partekatzen duten harremanaren «ulerpen sakonago bat ahalbidetzea». Txileko Gobernuak eskerrak eman dizkio Washingtoni, eta Atzerri Ministerioko idazkariorde Gloria de la Fuentek adierazi zuen dokumentuei sekretua kentzeak «egiaren bilaketa» sustatzen duela. Testuinguru horretan, aintzat hartu behar da Txileko Diputatuen Ganberak proiektu bat onartu zuela, joan den abuztuaren 9an, eskatuz Atzerri Ministerioari kudeatzeko kolpearekin lotura duten AEBen dokumentuak. Kontuan hartu behar da Bill Clinton AEBetako presidente zen garaitik (1993-2001) AEBetako zerbitzu sekretuek Txileri buruz osatutako milaka dokumentu desklasifikatzen joan direla. Horien bidez ezin da frogatu Nixonek estatu kolpean esku hartu zuenik, baina horietan argi ikus daiteke ez orduan Etxeko Zuriko maizter zenak, ez Henry Kissinger AEBen Segurtasun Nazionalerako aholkulariak ez zutela gustuko Salvador Allende Txileko presidentea (1970-1971). Esaterako, Allende presidente izendatua izan baino bost aste lehenago, hori eragozteko konplot bat agindu zuen Nixonek, CIAk, AEBetako Inteligentzia Agentzia Zentralak, babestuta. Azkenean, baina, ez zuten aurrera eraman. Horren berri ematen dute iaz desklasifikatutako txosten batzuek. Hain zuzen, desklasifikatutako dokumentuetako batek, irailaren 8koak, azpimarratzen du Allendek uste duela bere jarraitzaileek ez dituztela behar adina arma armadari aurre egiteko, eta, horrenbestez, irtenbideak politikoa izan behar duela. Dokumentu horretan, aurrez desklasifikatu dituzten beste batzuetan bezala, pasarte batzuk beltzez ezabatuta daude. Txilek Washingtonen duen enbaxadore Juan Gabriel Valdesek beltzez ezabatuta dagoena ere irakurri ahal izatea eskatu zuen, duela aste batzuk, Efe berri agentziak egin zion elkarrizketa batean. «Horrela jakingo genuke orduan AEBetan agintzen zutenek zer pentsatzen zuten». Irailaren 11ko dokumentuari dagokionez, zerbitzu sekretuk ohartarazi zuten militarrek, agian, ez zutela «plan eraginkor eta koordinatu bat», modu horretan «jada zabalduta zegoen oposizio zibila baliatzeko». Adierazi zuten, bide batez, Allendek pentsatzen zuela gatazka saihesteko moduan zirela artean: «Itxaropentsu zen». Irailaren 11n bertan, arratsaldean, bere buruaz beste egin zuen Allendek, eta 1990era arte Augusto Pinochet militarra buru izango zuen diktadura hasi zen. Datu ofizialean arabera, hamazazpi urte horietan 40.000 bat pertsona torturatu zituzten, eta 3.000 bat exekutatu; horien heren bat desagertuta daude oraindik.
2023-8-26
https://www.berria.eus/albisteak/232142/ahtrentzako-zundaketa-egiten-hasi-direla-salatu-dute-goierrin.htm
Gizartea
AHTrentzako zundaketa egiten hasi direla salatu dute Goierrin
Stop AHT Zundaketak ekinaldiak hiru eguneko bizikleta martxa antolatu du. Sakana, Arabako Lautada eta Goierri zeharkatuko ditu. Beasainen elkarretaratzea egin dute
AHTrentzako zundaketa egiten hasi direla salatu dute Goierrin. Stop AHT Zundaketak ekinaldiak hiru eguneko bizikleta martxa antolatu du. Sakana, Arabako Lautada eta Goierri zeharkatuko ditu. Beasainen elkarretaratzea egin dute
«AHTrik ez! Herria bizirik!». Aldarri ozenek bete dute gaur Beasaingo (Gipuzkoa) Erauskin plaza. Bertan bildutako dozenaka lagunek oihu egiten zuten bitartean, Nafarroa etorbidera begira-begira ari ziren. Bertatik agertu zen lagun talde handi bat, bizikletan. Oihuak txalo bihurtu dira lehenengo bizikletak plaza zapaldu bezain laster: Beasainera iritsi berria zen AHTrako zundaketa geologikoen aurkako bizikleta martxa. Abiadura Handiko Trenaren aldarriak zekartzaten bizikletei lotutako koloretako banderetan, eta horiei batu zitzaizkie laster txirrindulariek zabaldutako pankarta zuriak; Natura eta landa lurrak suntsituz ezin da herria eraiki zioen handienak. AHTaren aurkako zenbait plataformak osatutako Stop AHT Zundaketak ekinaldiak antolatu du hiru eguneko martxa. Sakana, Arabako Lautada eta Goierri lotuko dituen bizikleta ibilbidea osatuko dute hiru egunez, eta bidean geldialdiak egingo dituzte zenbait ekintza antolatzeko, gaur Beasainen egin bezala. Zundaketek eta, oro har, AHTa eraikitzeak dakarren «inpaktu katea» salatu nahi dituzte, antolatzaileek esan dutenez. Gaur, bizikletak heltzerako elkarretaratzea deituta zegoen Erauskin plazan, 13:00etan. Bertan, protestan ari zirenek Goierrin zundaketa horiekin zerikusia daukaten gertakariak salatu dituzte. Landarlan Ingurumen Elkarteko Edurne Huesak hartu du hitza, eta azaldu du maiatzaren erdialdean jaso zutela Goierriko zenbait udalek AHTaren Iruñea-Ezkio lotura egiteko ibilbide posiblea aztertzeko zundaketa lanen inguruko dokumentazioa. Huesaren arabera, zundaketa lan horietako batzuk herri lurretan egitekoak ziren, eta beste batzuk lursail pribatuetan: «Gertakari hura sorpresa handia izan zen, udalek nahiz jendarteak ez baigeneukan obra honekin aurrera egiteko asmoen inongo berririk». Enpresak, baimen gabe AHTaren aurkako plataformek bildutako informazioaren arabera, Goierri eskualdeko Ataun eta Idiazabal udalerriei (Gipuzkoa) eragingo diete gehien zundaketek. Hala ere, bi herri horietan zundaketez arduratu diren enpresek jarraitutako prozedura «erabat desberdina» izan dela azaleratu du Huesak. Idiazabalen, lur pribatuen jabeen datuak eskatu zizkion enpresak udalari, eta Ataunen, aldiz, enpresako ordezkariak zundaketa lekura joan eta lurjabeei ahoz ohartarazi zieten zundaketez. Horren ondoren, plataformek salatu dute beharrezkoak diren baimenak udalei eskatu gabe hasi zirela zundaketak lur horietan egiten, ekainaren 6an: «Zorionez, Ataungo Udalak berehala geldiarazi zuen zundaketa, eta momentuz bertan behera geratu dira lanak, exijitzen dizkieten baimenak behar bezala tramitatu artean». Olaberrian (Gipuzkoa), ordea, udalak zundaketak egiteko baimena eman duela adierazi du Huesak. «Borrokaren susperraldia» Adi-adi entzun dute hitzartzea plazara gerturatutakoek. Pankarta baten atzean, bizikletatik jaitsi berri entzuten zion Beñat Imaz Ernaiko kideak ere: «Euskal herritarrak garen heinean, garrantzitsua da gure lurraren defentsa egitea, batez ere gazteok etorkizuna garelako». Izan ere, martxari buruz galdetuta, balorazio «positiboa» egin dute antolatzaileek: «Jende asko etorri da. AHTaren aurkako borrokaren susperraldia dela dirudi». Herritarrek zundaketa baten berri izanez gero eman beharreko pausoak ere azaldu dituzte: «Jarri zure herriko udalarekin harremanetan, eta deitu Stop AHT Zundaketak plataformako 656711130 telefonora». Ataundik Irurtzunerako bidea egingo dute bihar, eta, bidean zehar, Lakuntzan eta Uharten egingo dituzte geldialdiak (Nafarroa). Herri bazkariarekin emango diote amaiera ekimenari.
2023-8-26
https://www.berria.eus/albisteak/232143/oriok-denboralea-probestu-du-ondarroan-irabazteko.htm
Kirola
Oriok denboralea probestu du Ondarroan irabazteko
Bigarren txanda irabazita gailendu da Salsamendiren taldea. Hondarribiak lau puntu jan dizkio Urdaibairi.
Oriok denboralea probestu du Ondarroan irabazteko. Bigarren txanda irabazita gailendu da Salsamendiren taldea. Hondarribiak lau puntu jan dizkio Urdaibairi.
Bigarren txandatik irabazi du Oriok Ondarroako estropada. Hegan egin dute Mirotzek, eta haizearen aldaketak bandera astintzeko aukera eman die. Hondarribiak irabazi du ohorezko txanda, baina Orio eta Isuntza aurretik izan ditu sailkapen nagusian. Hala ere, lau puntu jan dizkio zazpigarren izan den Urdaibairi. Bestalde, Meirak maila galdu du matematikoki. Ondarroak hasieratik erakutsi du haien maila, eta berehala lortu du abantaila. Bigarren minuturako bost segundoko aldea lortu dute bizkaitarrek, eta kolore bakarra izan du txandak: Ondarroarena. Ziztu bizian iritsi da Antiguako Ama lehen ziabogara, Santurtzirekiko sei segundoko aldearekin. Baina lana ez da bertan geratu, eta modu harrigarrian handitu dute aldea etxekoek. Zazpigarren minuturako hamar segundo baino gehiagokoa zen aldea, eta estropada amaieran 21ekoa izan da aldea. Horrelako egunarekin kontuan hartzeko moduko elkartea izango da datorren osteguneko Kontxako sailkapen estropadarako. Txandako beste lehia Santurtzik eta Kaikuk izan dute. Joaterakoan parean aritu dira biak, baina poparean hobea izan da Sotera, eta bigarren postua eskuratu dute. Meirak normalean titularrak izaten ez diren hainbat arraunlari sartu ditu ontzian, eta horrekin argi zegoen dagoeneko besoak jaitsi dituela Galiziako taldeak. Beste motatako helburu batzuk betetzeko aprobetxatu beharko du prestatzaileak, gaur matematikoki maila galdu baitu. Bigarren txandan zaharrak berri. Azken larunbatetan gertatu bezala, Orio abiadura bizian abiatu da, eta hasieratik sartu du branka aurretik. Lehen ziabogara zazpi segundoko aldearekin iritsi da txanda-kideekiko, baina lehen txandako irabazlearen denboratan. Poparean, baina, hobea zen Orioren laugarren kalea Ondarroaren bigarrena baino, eta zortzi segundo bizkorrago irten dira Mirotzak bigarren ziabogatik. Alde hori amaierara arte eraman dute Jon Salsamendirenek, eta txanda aise irabazi dute, eguraldia aldatu zitekeenaren esperantzarekin. Esperantza galdu behar ez den zerbait dela diote askok, eta oriotarren mesederako aldatu egin da eguraldia. Haizea nabarmen igo da, azken txandaren erdialdera batez ere, eta horrek aurrez arraun egindako taldeei egin die mesede, nabarmen. Ohorezko txandan Hondarribia izan da nagusi, hasiera-hasieratik. Nahi bezala zeukaten egoera, Orio eta Isuntza txandako bigarren zegoen Urdaibairen artean baitzeuden une batean. Baina haizeak gora egin du, eta hirugarren luzean Hondarribia bost segundo aurretik bazegoen ere, Oriok zortzi segundoko aldearekin irabazi du azkenean. Ama Guadalupekoa banderarik gabe gelditu da, baina Urdaibairi lau puntu jan dizkio behintzat. Bederatzikoa zen aldea estropada hasieran, eta bostekoa da orain, hiru estropada falta direnean. Isuntza izan da bigarrena sailkapen nagusian, eta hirugarren izan da Mikel Orbañanosen taldea. Urdaibai txandako bigarrena izan da, baina zazpigarren amaitu du sailkapen nagusian.
2023-8-26
https://www.berria.eus/albisteak/232144/dsmk-irabazi-du-vueltako-taldekako-erlojupekoa.htm
Kirola
DSMk irabazi du Vueltako taldekako erlojupekoa
Movistar bigarren izan da. Milesi jarri da lider.
DSMk irabazi du Vueltako taldekako erlojupekoa. Movistar bigarren izan da. Milesi jarri da lider.
Ezusteko handia gertatu da Espainiako Vueltako lehen etapan. DSM taldeak irabazi du hamabost kilometroko taldekako erlojupekoa Bartzelonako kaleetan zehar. Lorenzo Milesi italiarra da lehen liderra, berak igaro baitu helmuga lehena. Euripean eta ia argirik gabe jokatu da etapa. DSMk oso gertu izan du bigarren sailkatua, Movistar, segundo erdira. Hurrengo hiru taldeak, berriz, sei segundo okerrago jardun dira: Education First, Soudal eta Groupama. Sailkapen nagusian, Imanol Erbiti (Movistar) da lehen euskal txirrindularia. Mikel Landa (Bahrai), berriz, bigarrena da, hamar segundora.
2023-8-27
https://www.berria.eus/albisteak/232167/urdaibaik-irabazi-du-getariako-bandera-itsaso-txarrak-baldintzatua.htm
Kirola
Urdaibaik irabazi du Getariako bandera, itsaso txarrak baldintzatua
Bi estropadaren faltan, liga irabaztea ere eskura dute bermeotarrek. Bederatzi punturen aldea ateratzen diote Hondarribiari.
Urdaibaik irabazi du Getariako bandera, itsaso txarrak baldintzatua. Bi estropadaren faltan, liga irabaztea ere eskura dute bermeotarrek. Bederatzi punturen aldea ateratzen diote Hondarribiari.
Baldintza eskasetan ere ondo moldatzen da Bou Bizkaia. Eusko Label Ligako arraunlariek egun petralari aurre egin behar izan diote Getarian (Gipuzkoa). Euria, haizea, olatuak... ausardia behar zen gaur arraunean jarduteko. Eta hor, indartsuenak bizkaitarrak izan dira: Urdaibai eta Zierbena, zeinak buruz buru ibili baitira bandera irabazteko lehian, eta Kaiku, lehen txandako irabazlea. Orduko 60 kilometrorainoko haize ufadak erregistratu dira Getarian, eta, besteak beste, hamabost minutu berandu hasi da lehen txanda. Han lan bikaina egin du Kaikuk; txandako bigarrenari, Ondarroari, hamabost segundo atera dizkio, eta bigarren txandako ontziek ere ezin izan dute hobetu Bizkaitarra-ren denbora. Baldintzak etengabe aldatu dira, eta bigarren txandaren amaieran atera den denboraleak kalte egin die Oriori eta Getariari, txandako indartsuenei. Ikusteko zegoen ohorezko txandan zer gertatuko zen, baina faboritoek erakutsi dute zergatik dauden lehen sailkatuen artean. Lehen hiru ziabogetan, Zierbena izan da azkarrena, Urdaibairi hiruzpalau segundo aterata guztietan. Atzerago ibili da Donostiarra, eta dezente atzerago Hondarribia. Bi horien tartean sartu da Kaiku azken sailkapenean. Azken luzean, ordea, nabarmen onena izan da Urdaibai. Atzetik aurrerakoa egin, eta helmugan lau segundoko tartea atera dio Zierbenari. Ondo bidean, liga ere haientzat izango da. Bi estropadaren faltan, bederatzi punturen aldea ateratzen diote Hondarribiari, eta hamabi ZIerbenari. Amaitu dute Liga amaitu dute lehen txandakoek: Kaikuk eta Ondarroak Kontxako Banderan amaituko dute denboraldia; Santurtzik kanporaketa jokatu beharko du; eta mailaz jaitsi da Samertolameu. Galiziarrek zaleen txalo zaparrada jaso dute gaur Getarian, uretaratu aurretik. Ostegunean Kontxako Banderarako sailkatzeko estropada izango dute traineruek. Baldintzak gaurkoen antzekoek badira, bermatuta daude ikuskizuna eta ezustekoak.
2023-8-27
https://www.berria.eus/albisteak/232168/andreas-kronek-irabazi-du-bigarren-etapa-andrea-piccolo-da-lider-berria.htm
Kirola
Andreas Kronek irabazi du bigarren etapa; Andrea Piccolo da lider berria
Euriak baldintzatu du Vueltako bigarren etapa ere, eta helmugarako bederatzi kilometro falta zirela hartutako denborak izan dituzte kontuan.
Andreas Kronek irabazi du bigarren etapa; Andrea Piccolo da lider berria. Euriak baldintzatu du Vueltako bigarren etapa ere, eta helmugarako bederatzi kilometro falta zirela hartutako denborak izan dituzte kontuan.
Ez da ongi hasi Espainiako Vuelta. Atzo, Bartzelonan, euripean eta ia argirik gabe jokatu zen taldekako erlojupekoa; horrek hainbat txirrindulariren protestak eragin zituen, besteak beste Remco Evenepolenak (Quick Step). Gaur, antzeko. Etapa hasi aurretik kexu agertu dira hainbat talde, eta neurriak eskatu dizkiote lasterketako zuzendaritzari. Jaramon egin diete: helmugarako bederatzi kilometro falta zirela hartutako denborak izan dituzte kontuan sailkapen nagusian. Etapan zehar ere izan da ika-mika. Helmugarako 38 kilometro falta zirela, euria hasi du, eta Lorenzo Milesi liderra (DSM) erori egin da, besteak beste, baita Primoz Roglic (Jumbo) ere, hiru bider Vueltako irabazle izandakoa. Jumbokoek geratzeko agindu diote tropelari, baldintza txarretan korritzen ari zirela ikusarazteko edo, baina euren interesen alde. Zale askok gaitzetsi dute jarrera hori. Azkenean, Andreas Kron (Lotto) izan da nagusi Montjuicen. Sailkapen nagusia ziurtatu dutenean, faboritoek erritmoa jaitsi dute, eta etaparako lehian Danimarkakoa izan da azkarrena. Azken kilometroko maldan jo eta bakarrik helmugaratu da, esprinterrak baino zazpi segundo lehenago. Kaden Groves (Alpecin) izan da bigarren, eta Andrea Vendrame (AG2R) hirugarren. Sailkapen nagusiko gizonak sei minuturen buruan iritsi dira. Egun arraroa izan da, testuinguruak baldintzatutakoa. Nahaspila horretan, ihesaldian sartu diren txirrindularietako batek eskuratu du elastiko gorria, Andrea Piccolok (Education First), gainsariei esker. Sailkapen nagusian bigarren da ihesaldiko beste bat, Javier Romo (Astana). Mendiko lehen etapa izango dute bihar; Andorran amaituko da lasterketa.
2023-8-27
https://www.berria.eus/albisteak/232169/osasunak-denboraldiko-bigarren-garaipena-lortu-du-valentzian.htm
Kirola
Osasunak denboraldiko bigarren garaipena lortu du Valentzian
Etxekoak hobeak izan dira, baina gorritxoek izan dituzten aukera apurrak baliatu dituzte. Aimar Oroz eta Nacho Vidal izan dira golegileak.
Osasunak denboraldiko bigarren garaipena lortu du Valentzian. Etxekoak hobeak izan dira, baina gorritxoek izan dituzten aukera apurrak baliatu dituzte. Aimar Oroz eta Nacho Vidal izan dira golegileak.
Urrezko hiru puntu lortu ditu Osasunak. Nafarrek ez dute neurketa ona jokatu, hobea izan da Valentzia, baina atzean erakutsitako sendotasunak eta izandako aukera apurrak baliatzeak balio izan die hiru puntuak lortzeko (1-2). Lehen gola Aimar Orozek egin du lehen zatian, penaltiz, eta bigarrena Nacho Vidalek, luzapenean. Hamaikakoan aldaketa asko egin ditu Jagoba Arrasatek; joan den jardunalditik, zortzi. Gorritxoen prestatzaileak emana zuen abisua: jokalariak ez daude ohituta hiru egunean behin jokatzera, eta aldaketak egitera behartuta dago. Hori dela eta, hamaikakoan izan dira, besteak beste, Jose Arnaiz, Raul Garcia de Haro, Iker Muñoz edota Pablo Ibañez. Ondo erantzun dute. Nahiko berdinduta hasi da neurketa. Valentzia izan da baloiaren jabe, baina etxekoen areara gerturatu den bakoitzean arriskua sortu du Osasunak. Ibañezek zelai erdian berreskuratutako baloi batean heldu da saria: erdilaria bakarrik geratu da Mamardaxbiliren parean, eta, errematatzera zihoala, penaltia egin dio Thierry Correiak. Hasieran ez du adierazi epaileak, baina iritzia aldatu du VAR-ean begiratu ostean. Aimar Orozek hartu du ardura, eta maisutasunez gainditu du Valentziako atezaina. Gutxien espero zenean Hortik aurrera bai, hobea izan da etxeko taldea. Atzean sartu da Osasuna, eta arrisku handia sortu du Valentziak. Atsedenaldira, ordea, aurretik heldu dira gorritxoak. Are okerragoa izan da bigarren zatia. Ahal zuen moduan eutsi dio emaitzari Arrasateren taldeak; baloia berreskuratutakoan ez zuen lortzen bi pase jarraian ematerik ere. Kostata, Valentziari iritsi zaio saria: 80. minutuan sartu du gola Hugo Durok, buruz. Aurrelariak ia urtebete zeraman golik sartu gabe. Eta Valentziaren bigarren gola gertu zela zirudienean, korner batean, Budimirrek baloia jo du buruz, eta Nacho Vidalek modu ikusgarrian errematatu du sarera. 95. minutua zen, eta ez da gehiagorako astirik izan. Hiru jardunalditan sei puntu lortu ditu Osasunak. Ostegunean Konferentzia Ligako itzulerako partida jokatuko du Bruggeren aurka. Valentzia: Mamardaxbili; Correia, Paulista (Mosquera, 75'), Cenk, Gaya; Diakhaby (Almeida, 45'), Pepelu, Martinez (Foulquier, 58'); Diego Lopez (Sergi Canos, 75'), Javi Guerra eta Hugo Duro. Osasuna: Sergio Herrera; Areso (Peña, 77'), Catena, David Garcia, Juan Cruz; Iker Muñez, Pablo Ibañez, Oroz (Moncayola, 67'); Kike Barja (Vidal, 45'), Arnaiz (Mojica, 67') eta Raul Garcia (Budimir, 84').
2023-8-27
https://www.berria.eus/albisteak/232170/markagailua-iraulita-athleticek-irabazi-egin-dio-betisi.htm
Kirola
Markagailua iraulita, Athleticek irabazi egin dio Betisi
Joan-etorriko neurketa ikusgarria jokatu dute bi taldeek. Vesga (2), Guruzeta eta Unai Gomez izan dira golegileak.
Markagailua iraulita, Athleticek irabazi egin dio Betisi. Joan-etorriko neurketa ikusgarria jokatu dute bi taldeek. Vesga (2), Guruzeta eta Unai Gomez izan dira golegileak.
Zaleak gozatua hartuta irten dira gaur San Mamesetik. Ez zirudien hala izango zenik; hamargarren minutuan 0-2 galtzen ari ziren zuri-gorriak, baina atsedenaldia iritsi aurretik lortu dute markagailuari buelta ematea. Aste Nagusia behar bezala amaitu beharra zegoen. Aurrealdean gaitasuna baduela erakutsi du Athleticek, eta hiru puntu lortu ditu talde on baten aurka; Betisen kontra, hain zuzen. Esan bezala, andaluziarrek bi gol sartuta zeuzkaten hamargarren minuturako. Lehenengoa, San Mames gustuko duen jokalari batek: Willian Josek; eta bigarrena, berriz, Iscok. Gol ederrak biak. Kalitate handiko jokalariak ditu Betisek. Ayoze Perez nabarmendu da gaur. Athletic ez da gutxiago, ordea. Eta alde batean Ayoze bazen arriskua sortzen zuena, bestean Nico Williams. Anaietan gazteenari bat ez, bi penalti egin dizkiote. Lehenengoak emango du zeresana, jokoz kanpoko posizioa estua baitzen. Dena dela, bi penaltiak bikain jaurti ditu Mikel Vesgak, eta, hala, partida berdindu. 45. minutua zen, eta San Mames hazita zegoen. Jokalariek baliatu egun dute olatua. 52.ean, eskuin hegaletik baloia erdiratu du Iñaki Williamsek, eta egon behar zuen lekuan zegoen Guruzeta, hura sareetara bultzatzeko. 3-2, eta atsedenaldira. Markagailua iraulita, eta zaleak zoratuta. Bigarren zatia lehenengoa amaitu bezala hasi du Athleticek, baina erritmoa zertxobait apaldu da. Joan-etorriko neurketa ikusgarria jokatu dute bi taldeek. Horietako batean, 84. minutuan, kontraeraso bat baliatu du etxeko taldeak neurketa erabakita uzteko. Berriz ere, Iñaki Williamsek erdiratu du eskuin hegaletik; Rui Silva atezainak urrundu egin du baloia, baina aldaratzea pare-parean jausi zaio Unai Gomezi. Bermeokoak bigarren partida zuen lehenengo taldearekin, eta jada sartu du lehen gola. Hunkituta ospatu du. Hiru neurketatan bi garaipen lortu ditu Athleticek, eta sei puntu ditu sailkapen nagusian. Kuriositate modura, San Mameseko zaleek txalo zaparrada eskaini diote Borja Iglesias Betiseko jokalariari zelairatu denean, Espainiako selekzioarekin jokatzeari uko egin diolako Luis Rubialesen afera argitu bitartean. Athletic: Unai Simon; Lekue, Vivian, Paredes, Imanol (Yuri, 66'); Vesga, Ruiz de Galarreta (Dani Garcia, 85'), Muniain (Unai Gomez, 66'); Nico Williams (Villalibre, 85'), Iñaki Williams eta Guruzeta (Berenguer, 66'). Betis: Rui Silva; Sabaly, Pezzella, Luiz Felipe, Abner (Miranda, 56'); Guido Rodriguez (Paul, 65'), Marc Roca (Guardado, 84'), Isco; Ayoze, Ruibal (Rodri, 56') eta Willian Jose (Iglesias, 84').
2023-8-28
https://www.berria.eus/albisteak/232171/laquonahiko-genuke-freskora-gehiago-joan-baina-merkatuak-agintzen-duraquo.htm
Ekonomia
«Nahiko genuke freskora gehiago joan, baina merkatuak agintzen du»
Belaunaldi berriak sektorera nola erakarri, hori da Bizkaiko eta Gipuzkoako baxurako arrantzak duen erronka nagusietako bat; bestea, arrantzatutakoa hobeto saltzeko bideak bilatzea. Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza zuzendariaren arabera, flota txikia da, baina errentagarritasun handikoa.
«Nahiko genuke freskora gehiago joan, baina merkatuak agintzen du». Belaunaldi berriak sektorera nola erakarri, hori da Bizkaiko eta Gipuzkoako baxurako arrantzak duen erronka nagusietako bat; bestea, arrantzatutakoa hobeto saltzeko bideak bilatzea. Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza zuzendariaren arabera, flota txikia da, baina errentagarritasun handikoa.
Amaitzear dago hegaluzearen kanpaina eta, horrekin batera, aurtengo arrantzaldia. Udazkenean, Bizkaiko eta Gipuzkoako baxurako ontziek udaberrian arrantzatu gabe utzi zuten antxoaren kuota izango dute. Arrantzaleentzat ez da atsegina izaten hitz batekin urtea nola joan den azaltzea. «Oro har, ona» izan dela dio Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza zuzendariak (Orio, Gipuzkoa, 1968). Hegaluzearen kanpaina nola joan da? Kuotaren %80 arrantzatuta dago, eta espero da irailaren erdialdera amaitzea. Harrapaketa kopurua aurreko urteen antzekoa izan da. Arraina gertu sartu da, portutik bospasei ordura. Hori ona da, gasolio kontsumoa txikitu delako eta arrantzatutakoa gure lonjetan merkaturatu delako. Gipuzkoako kofradien arabera, azken zazpi urteetako merkeen saldu da. Bai, iaz baino %25 gutxiago ordaindu da. Arrazoiak? Kontserba enpresen produkzio kostuak izugarri handitu dira: olioarena, argindarrarena, edukiontzi metalikoena... Produktu horien kontsumoa asko jaitsi da, prezioen igoeragatik, eta errentagarritasuna apaldu da. Kontserba enpresek ez dute arriskatu nahi, eta enkanteetan ohi baino gutxiago ordaindu dute. Arrantzaleak mantsoago aritu dira abuztuan. Prezioa igotzeko? Bai, baina berehala itzuli da batezbestekora. Arrantza egun batzuetan gelditu bada ere, arraina hain hurbil dagoenez, porturatzeak maizago egiten dira. Lehen, marea batek hamar-hamabost egun irauten zuen; orain, ia egunero izaten dira lehorreratzeak. Arrandegiek badakite hori, eta horrek ere egonkortu egiten du prezioa. Azken urteetan ohikoak dira ontzi pelagikoak euskal kostaldean. Eraginik ba al du horrek? Eragina gehiago da mediatikoa eta bisuala. Irlandarren eta frantsesen arrantza pelagikoa lehen ere iristen zen Euskadiko eta beste erkidegoetako kontserba enpresetara. Baina ez zuten hemengo portuetan deskargatzen. Ez, kamioietan iristen zen. Egia da azkenengo lauzpabost urteetan bereziki irlandarrak ari direla gure portuetan deskargatzen. Hemengo arrantzaleek diote merkeago saldu dutela horregatik. Bai, arrantza mota horrek prezioari beheraka tira egiten dio. Baina, zeharka bada ere, lehen ere bagenuen arazo hori. Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak teknika hori debekatzen badute, nola da posible hemengo lonjetan saltzea? Gauza bat da arrantza moten erregulazioa eta beste bat merkatua. Lehenengoa Espainiak arautu dezake, baina bigarrena Bruselaren esku dago. Gaur egun barkuek libre dute Europan nahi duten portuan saltzeko. Jaurlaritzak ezin du besterik egin? Ez. Komertzioa ezin du debekatu. Europak ez liguke utziko. Bruselak hondoko arrasteko arrantza debekatu du Bizkaiko golkoko eremu batzuetan; Frantziak ere asmo bera du bere uretan. Zer eragin izan dezake horrek? Eremu horietan ez dira aritzen gure arrasteontziak. Baina gerta daiteke ontzi batzuk, bereziki Galiziakoak, gureak ibiltzen direnetara etortzea. Dena den, urtebete pasatu da, eta ez dugu halakorik sumatu. Kezka, hala ere, hor dago. Nire ustez, gauzak ondo eginez gero, denontzako tokia dago. Azken urteetan antxoaren kanpainak txarrak izan dira. Aurtengoa? Ona. Arrantzatutakoak tamaina handiagoa izan du, kontserbetarako hobea, eta, beraz, garestiagoa. Gure kostaldetik gertu harrapatu da; azken urteetan Asturiasen eta Kantabrian zegoen antxoa hori. Hegaluzearen ondoren berdelak du pisu handien, antxoaren aurretik. Azken urteak txarrak izan dira. Zergatik? Bai, hala da. Berdela eta antxoa sarearekin arrantzatzen dutenak oso ondo aritu dira batean zein bestean. Baina berdeletan amuarekin bakarrik aritzen direnak oso kostera txarra izan dute, eta iaz ere txarra izan zuten. Segmentu horri dagokion kuotaren erdia baino ez dute harrapatu. Aurtengo albisterik txarrena hori da. Diru laguntza bat emango diegu. 70-80 ontzi dira, txikiak, lauzpabost marinelekin, eta portu guztietan daude. Ez dute arrantzatu, ez dute topatu, zer gertatu da? Sarearekin aritzen direnak ez dute arazorik izan, eta aurreko urteetan bezala aritu dira. Beraz, berdela egon badago. Amuarekin dabiltzanek esaten dutenez, oso hondoan gelditzen da arraina. Ez da aurtengo kontua bakarrik. Inoizko beroen daude Bizkaiko golkoko urak. Eraginik badu? Ukaezina da uraren tenperatura gero eta handiagoa dela. Baina horrek eragiten du berdela beherago, ur hotzagoetan egotea eta horra ezin iristea gure arrantza tresnekin? Ez dakit. Hipotesirik? Badaude batzuk. Azti ikerketa zentroa aztertzen ari da ea tenperaturak, uraren gazitasunak eta beste faktore batzuek zer eragin duten espezieen portaeran. Ikusiko dugu zer dioen. Baliteke arrainak egokitze prozesu batean egotea, espezie batzuk iparralderago jotzea ur hotzagoen bila, beste batzuk hemen azaltzea... Arrantzaleek antzeman dute aldaketarik? Azkenengo bost urteetan bakarra ikusi dute: berdelarena. Zorionez, antxoa oso ondo dago, eta hegaluzea ere ari da sartzen. Eta ohikoak ez diren arrainak? Tarteka-tarteka, Mediterraneoan ohikoak diren baina hemen ikusten ez ziren arrain batzuk topatu dituzte, baina oso tarteka. Oraindik ez dira nabari aldaketa handiak, modu zuzenean.p> Hegaluzearen, berdelaren eta antxoaren kuota gehiena kontserba enpresei saltzen diete euskal arrantzaleek. Euskal Herrian sektore txikia da. Asturiasko eta Galiziako enpresa handien menpe bizi dira? Sektorea horrela dago antolatuta. Nahiko genuke hemen industria indartsuago bat izan eta, era berean, freskora gehiago joan, baina merkatuak agintzen du. Gure arraiaren komertzializazioa da mahai gainean dugun erronkarik handiena. Euskal herritarrek jaten duten arrain freskoaren erdia baino gehiago kanpotik ekartzen da. Legatza da gailen mahaian, baina Bizkaiko eta Gipuzkoako ontziek apenas arrantzatzen duten, kuota duin bat izan arren. Zergatik? Flota espezializatu egin da azken urteetan. Beste lurralde batzuetan gu baino espezializatuago daude legatzean, Galizian nagusiki. Aldiz, hegaluzean Espainiako kuotaren %60 arrantzatzen dugu guk, eta antxoan ere pisu handia dugu. Baina legatza bada gehien kontsumitzen dena, eta gaitz erdi. Zergatik diozu hori? Arazoa beste espezie batzuekin daukagu, oso urrutitik ekartzen direnak, batzuk arrantzatutakoak eta beste batzuk haztegietakoak. Gure arrandegi eta mahaietan sekulako arrakasta izaten ari dira: adibidez, izokina, baina baita askoz ere merkeago eta kalitate eskaseko arrainak ere. Zer kontsumitzen ari garen hausnartu beharko genuke. Jaurlaritzak kanpaina bereziak egin ditu bertako arrain freskoa kontsumitzeko, baina ez dirudi arrakasta izan dutenik. Ahal dugun tresna gehien erabiltzen ditugu. Eusko Labela, adibidez, ona da arrantzaleentzat, prezio onean saltzeko, eta kontsumitzaileentzat, jakin dezaten zer jaten ari diren. Baina merkatuaz eta kontsumoaz ari garenean, gure esku ez dauden eta guk kontrola ezin ditzakegun faktore asko daude. Ez da erraza. Asko hitz egiten da arrantzaren etorkizunaz. Zeinek du hobea, baxurak ala alturak? Biek dute etorkizuna. Dauzkagun kuotak kontuan hartuta, flota orekatua daukagu. Gure produkzio mailaren %100ra iristen gara. Europan kuotak banandu zirenean derrigorrez berregituratze bat egin behar izan genuen. Duela 25 urtekoarekin konparatuta, flota txikia da, baina errentagarritasun handikoa eta teknologikoki oso aurreratua. Eta erakargarria gazteentzat? Soldatak onak dira, baina ontzietako lan eta bizi baldintzak hobetu behar dira; soldata ez da nahikoa. Europako Batasunak akuikultura bultzatu nahi du, jasangarriagoa omen delakoan. Bizkaian enpresa bat eta Araban beste bat geratzen dira. Zergatik ez du arrakastarik izan industria horrek? Saiatu gara bultzatzen, diru laguntzak eman ditugu... Baina agertu diren ekintzaile apurrek atzera egin dute. Agian gure itsasoaren eta kostaldearen ezaugarriak ez dira egokienak. Dauden lurrak oso garestiak dira. Gainera, ez dira inbertsio errazak, denbora bat behar delako espeziek tamaina komertzial bat izan arte. Jaurlaritzak ez du Europako funtsetarako zerrendan sartu Lemoizko zentraleko egitasmoa. Ez dela egingo esan nahi du? Ez. Eremu hori akuikulturarako eremu izendatzeko tramiteak ari gara egiten, eta alde administratibo hori datorren urtean amaitzea espero dugu. Enpresa batzuk etorri zaizkigu interesa azalduz. Datorren urtean ikusiko dugu interes hori gauzatzen duten ala ez. Getaria parean hegalabur haztegi bat iragarri duzue, Mediterraneoan dauden gisakoa. Zer onura ekar ditzake? Azken bospasei urtetan gure arrantzaleek hegalabur kuotak edo lizentziak saldu dizkiete Espainiako enpresei, errentagarriago zaielako. Halako proiektu batekin lortu dezakegu kuota horiek hemen geratzea, hemengo arrantzaleek halako enpresa baten jabe edo sozio eginda. Haztegiekin hobeto egokitu zaitezke merkatuaren beharretara eta prezio oso onak lortzen dira. Datorren urtean hasiko gara probatzen hemengo uretan posible ote den.
2023-8-28
https://www.berria.eus/albisteak/232172/baxoko-azterketak-ekainera-gibelatu-dituzte-berriz.htm
Gizartea
Baxoko azterketak ekainera gibelatu dituzte berriz
Gabriel Attal Frantziako Hezkuntza ministroa atzo gauean mintzatu da, telebistan, eskola sartzeari buruzko informazioak emateko. Baxoko berezitasunen azterketak ekainera gibelatu dituzte berriz, eta abaia jantzia eramatea debekatu.
Baxoko azterketak ekainera gibelatu dituzte berriz. Gabriel Attal Frantziako Hezkuntza ministroa atzo gauean mintzatu da, telebistan, eskola sartzeari buruzko informazioak emateko. Baxoko berezitasunen azterketak ekainera gibelatu dituzte berriz, eta abaia jantzia eramatea debekatu.
Eskola sartzea hurbiltzen ari den honetan, Frantziako Hezkuntza ministro Gabriel Attalek hitza hartu zuen atzo, Frantziako TF1 telebista katean. Nagusiki, irailaren 4ko eskola sartzeari buruzko bi berritasun aitzineratu zituen. Batetik, baieztatu du baxoko berezitasunen azterketak ekainean eginen direla berriz: berezitasunak ikasle bakoitzak aukeratzen dituen hiru irakasgaiak dira, baxoko notan pisurik handiena dutenak. Frantziako baxoaren 2021eko erreformaz geroztik, berezitasunen azterketak martxoan iragan behar zituzten ikasleek; COVID-19a zela eta, 2021ean ez zituzten egin ahal izan, eta baxo osoa kontrol jarraikian lortu zuten. 2022an, COVID-19ari loturik beti, azterketak egin zituzten, baina bi hilabete beranduago, maiatzean. Azkenean, erreformak ezarri zituen baldintzak aurten bete dira lehen aldiz, eta ikasleek baxoko berezitasunen azterketak martxoan iragan dituzte. Erreforma egin eta hiru urtera, berezitasunen azterketak berriz ekainean jartzea erabaki dute 2024rako. Bestalde, abaia izeneko jantziaren eramatea debekatu dute. Gorputz osoa estaltzen duen jantzi bat da, aurpegia eta eskuak izan ezik, eta beste jantzien gainetik doa; ohikoa da Ekialde Hurbileko herrialdeetan. Hezkuntza ministroaren arabera, eskola eremuak laiko izan beharraren kontra egiten du halako jantzi baten eramateak: «Ikasgela batera sartzean, ez duzu ikasleen erlijioa identifikatzeko modurik izan behar». Haatik, Kultu Musulmanaren Frantziako Kontseiluaren arabera (CFCM), abaia ez da erlijioari lotzen zaion jantzi bat, baizik eta «moda forma bat», CFCMeko presidente ordearen erranetan. Hala, erabakiak eztabaida bizia sortu du Hezkuntza ministroa atzo mintzatu zenez geroz.
2023-8-28
https://www.berria.eus/albisteak/232173/zinemaldiak-zortzi-pelikula-klasiko-berreskuratuko-ditu.htm
Kultura
Zinemaldiak zortzi pelikula klasiko berreskuratuko ditu
‘Akai tenshi’, ‘Aloïse’, ‘Fúria espanyola’, ‘Record of a Tenement Gentleman’, ‘Nueve reinas’ eta ‘Principio y fin’ lanak erakutsiko dituzte; baita argitaratu gabeko bi film ere: ‘Festival en las entrañas’ eta ‘El realismo socialista’.
Zinemaldiak zortzi pelikula klasiko berreskuratuko ditu. ‘Akai tenshi’, ‘Aloïse’, ‘Fúria espanyola’, ‘Record of a Tenement Gentleman’, ‘Nueve reinas’ eta ‘Principio y fin’ lanak erakutsiko dituzte; baita argitaratu gabeko bi film ere: ‘Festival en las entrañas’ eta ‘El realismo socialista’.
Donostiako Zinemaldiak zinema unibertsalaren historiako film klasiko zahar eta modernoak biltzen ditu Klasikoak sailean. Aurten, zortzi film berreskuratuko dituzte, inoizko gehien. Horietatik bi, gainera, argitaratu gabe egon dira orain arte: Jose Val del Omarren Festival en las entrañas eta Raul Ruizen El realismo socialista. Irailaren 22tik 30era proiektatuko dituzte, Tabakalerako zinema aretoan. Zehazki, Yasuzo Masumurak zuzendutako film zaharberritu batek abiatuko du Klasikoak saila: Akai tenshi (1966) lanak. Txinako eta Japoniako gudan girotuta dago ikus-entzunezkoa, eta mediku baten eta erizain baten arteko maitasun istorioa kontatzen du. Aloise Corbaz artista suitzarraren bizitzan oinarritutako Aloïse (1975) ere erakutsiko dute. Isabelle Huppert eta Delphine Seyrig aktoreek jokatzen dute artistaren rola: gazte garaian interpretatzen du lehenengoak, eta helduaroan, bigarrenak. Andre Techinerekin batera idatzi zuen filma Liliane de Kermadec zinemagileak. Fúria espanyola (1975), berriz, komedia beltza da. Francesc Betriuk zuzendu zuen, eta futbola, politika eta kritika soziala uztartzen ditu. Yasujiro Ozuk II. Mundu Gerraren ondoren zuzendutako lehen lana ere erakutsiko dute: Nagaya Shinshiroku (1947). Gerra amaitu eta gutxira haur baten ardura hartu beharko duen bikote baten istorioa kontatzen du. Halaber, 4K bereizmenean berreskuratu du Klasikoak sailak Nueve Reinas (2000) lana. Antolatzaileen arabera, Argentinako zinematografiako «ezinbesteko filma» da, «Fabian Bielinskyren maisulana». Elkarrekin negozio bat irekitzea erabaki duten bi iruzurgileren istorioa kontatzen du. Amaitzeko, Arturo Ripsteinen Principio y fin (1993) filmean erdiko klaseko familia baten istorioa kontatzen da. Argitaratu gabeko bi film Orain arte estreinatu gabeko bi film ere erakutsiko dituzte lehen aldiz Klasikoak sailean: Raul Ruiz zinemagile txiletarraren El realismo socialista (1973-2023), eta Jose Val del Omarren Festival en las entrañas (1963-1965). Ruizek duela mende erdi sortu zuen filma, baina ez zuen amaitu, ezta sekula jendaurrean aurkeztu ere. Valeria Sarmiento zuzendari txiletarrak, zeina Ruizen alarguna ez ezik haren ohiko lankide ere izana den, lana berreskuratu, berregin eta amaitu egin du. Eta hala, lehenbiziko aldiz ikusi ahal izango da orain, Donostian. Jaialdiak azaldu duenez, langile mundua eta burgesia intelektual txikiaren mundua lotzen dira pelikula horretan. Langileen eta lunpenaren mundua agertzen du batetik, zeinetan Lucho izeneko pertsonaia den protagonista; eta Unidad Popular koalizioaren aldeko intelektual talde baten gorabeherak erakusten ditu, bestetik, burgesia txikiaren ordezkariak biltzen dituen fronte poetiko batenak, hain zuzen. Poetastros etxeak ekoitzi du. Omarren lana ere ezezaguna zen orain arte. Tactilvision teknikaren bitartez filmatu zuen, eta Espainiako Informazio eta Turismo Ministerioaren enkargua izan zen. Espainiako hainbat lekutako kulturaren, folklorearen edo monumentuen adierazpenak biltzen ditu, hamar film laburretan. Hamar pieza horietatik bi berreskuratu ditu Klasikoak sailak. Filmaz gainera, Omarren inguruko erakusketa birtual bat jarriko dute ikusgai Artxiboak atalean. Zinemagile horrek Zinemaldiarekin zuen harremana erakutsiko du, elkarri bidalitako gutunen bidez.
2023-8-28
https://www.berria.eus/albisteak/232174/sudango-gatazkari-irtenbide-politikoa-emateko-bide-orri-bat-proposatu-dute-paramilitarrek.htm
Mundua
Sudango gatazkari «irtenbide politikoa» emateko bide orri bat proposatu dute paramilitarrek
RSFk «konpromisoa» hartu du «gobernantza demokratikoa eta zibila eratzeko, hauteskunde libre eta justuetan oinarritua». Horretarako, Dagalok nabarmendu du beharrezkoa dela bi aldeek adostutako «luzera begirako su etena» ezartzea. Paramilitarren ekinbidea baztertu du armadako buruak.
Sudango gatazkari «irtenbide politikoa» emateko bide orri bat proposatu dute paramilitarrek. RSFk «konpromisoa» hartu du «gobernantza demokratikoa eta zibila eratzeko, hauteskunde libre eta justuetan oinarritua». Horretarako, Dagalok nabarmendu du beharrezkoa dela bi aldeek adostutako «luzera begirako su etena» ezartzea. Paramilitarren ekinbidea baztertu du armadako buruak.
Lau hilabete pasa dira jada Sudango armadaren eta RSF Azkar Laguntzeko Indarrak talde paramilitarraren arteko gatazka piztu zenetik, eta, orduz geroztik, hutsalak izan dira bi aldeek eta haien arteko bitartekariek, Saudi Arabiak eta AEB Ameriketako Estatu Batuek, eginiko bake negoziazioetarako ahaleginak. Bada, gudak 4,5 milioi barne desplazatu eragin dituen honetan, gatazkari «konponbide politiko bat» emateko eta «estatu demokratiko bat» eratzeko bide orri bat proposatu zuen RSFk, atzo. Talde paramilitarreko buruzagi Mohamed Hamdan Dagalok X sare sozialean idatzitako mezu batean nabarmendu zuenez, herrialdeak hainbat hamarkadaz jasandako krisi soziopolitikoari «sustraietatik» heldu behar zaio. Horretarako, bi aldeek adostutako «luzera begirako su etena» ezarri behar dela adierazi zuen, zeinak «Sudango gerren arrazoi sakonei helduko dien konponbide politiko integrala» ekarriko baitu. Kaleratutako oharraren arabera, RSFk «konpromisoa» hartu du «gobernantza demokratikoa eta zibila eratzeko, hauteskunde libre eta justuetan oinarritua izango dena». Horrekin lotuta, «ahalik eta oinarri politiko eta sozial handiena eta zabalena engaiatzeko» eskatu zuen, Sudanen «herritarren eskubideak, bake iraunkorra eta trantsizio justizia bermatzeko». Halere, Dagalok konponbiderako eskematik kanpo utzi zituen 2019ko protesten ondorioz dimisioa emandako Omar al-Baxir presidente ohiaren jarraitzaileak, baita armada ere; Al-Baxirren oinordetzan jasotako egituraren parte dela egozten dio RSFk. Hori dela eta, paramilitarren buruak nabarmendu zuen «armada berri bat eraikitzeko» beharra, indar militarra batzeko eta talde armatuen eraketak aurreikusteko helburuarekin. Dagalok oharrean adierazi zuen armada bateratzeko prozesua «ondoko herrialdeek eta nazioarteak eginiko urratsak» kontuan hartuta egin beharko litzatekeela. Halaber, «baztertutako eskualdeek», batez ere Sudan mendebaldean daudenek, erakundeetan «ordezkaritza justua» izateko beharra azpimarratu zuen paramilitarren buruzagiak; esaterako, Darfurrek. Eskualde horretan, zehazki, 300.000 lagun hil ziren 2003 eta 2008 bitartean izandako gatazkaren ondorioz, NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera. Paramilitarren buruak adierazpena egin eta biharamunean, Abdel Fattah al-Burhan armadako eta junta militarreko buruzagia Port Sudanera heldu zen, eta gaur eginiko agerraldian baztertu egin zuen paramilitarren proposamena, haien ekinbidea herriarentzat «engainua» izango litzatekeela iritzitza. Al-Burhanak erantsi du ez dutela inolaz ere «traidoreekin» negoziatuko. Gerra piztu zenetik hiriburutik kanpo egin duen lehen bidaia izan da armadako buruarena. Itun posible bat, RSFrekin Al-Burhanek hainbat bisita egin ditu azken egunotan hiriburuko eta hiriaren iparraldeko base militar estrategikoetara, armadako kideen lana goresteko. Gobernuko iturrien arabera, Saudi Arabiara eta Egiptora joatekoa da aurki, hango agintariekin batzartzeko. Bada, hedabide arabiarren arabera, armadako buruak akordio posible bat egin zuen paramilitarrekin, uztail amaieran, eta armada hiriburuko egoitza batetik erretiratzeko agindu zuen. Hori bai, Al-Burhanek gogorarazi zuen armadako militarrekin batera hartutako erabakia izan zela, eta gezurtatu egin zuen RSFrekin adostu izana. 2019an Al-Baxir hiru hamarkadaz herrialdeko presidentea izan zena militarrek emandako estatu kolpe baten bidez kendu ondoren, gobernu zibil berri bat osatzeko eta trantsizioa egiteko akordioa sinatu zuten paramilitarrek eta armadak iazko abenduan, Trantsiziorako Kontseilu Subiranoaren esparruan. Itun horretan, besteak beste, RSF armadan integratzea jasotzen zen. Bada, hori egiteko moduak zartarazi zuen tentsioa apirilaren 15ean, liskar bortitzak eragiteraino. Bi aldeek elkarri egotzi izan diote sua piztea, baita behin baino gehiagotan hitzarturiko meniak urratzea ere. Orduz geroztik, armadak eta paramilitarren arteko borroken ondorioz 1.000-4.000 zibil hil dira, OME Osasunaren Mundu Erakundeak emandako azken datuen arabera. NBEk ohartarazi izan du gatazkak «giza hondamendi larri» bat eragiten ari dela; besteak beste, gosetea jasaten ari dira herritarrak, azpiegitura zibil ugari zerbitzutik kanpo daude, eta osasun sistema geratzeko zorian dago.
2023-8-28
https://www.berria.eus/albisteak/232175/libiako-atzerri-ministroa-kargutik-kendu-dute-israelgoarekin-biltzeagatik.htm
Mundua
Libiako Atzerri ministroa kargutik kendu dute Israelgoarekin biltzeagatik
Tripolik behin-behinean kargugabetu du Al-Mangux, eta ikerketa bat abiatu, zer gertatu den argitzeko. Libian, zigortuta dago Israelekin elkarlanean aritzea. Protestak izan ziren atzo hiriburuan eta herrialdeko beste zenbait hiritan.
Libiako Atzerri ministroa kargutik kendu dute Israelgoarekin biltzeagatik. Tripolik behin-behinean kargugabetu du Al-Mangux, eta ikerketa bat abiatu, zer gertatu den argitzeko. Libian, zigortuta dago Israelekin elkarlanean aritzea. Protestak izan ziren atzo hiriburuan eta herrialdeko beste zenbait hiritan.
Libiak ez du aitortzen Israel estatu gisa, eta ez du harekin inolako harreman diplomatikorik. Baina, Israelgo Atzerri ministro Eli Cohenek atzo adierazi zuenez, Libiako GNU Batasun Nazionaleko Gobernuko Atzerri ministro Najla al-Manguxekin bildu zen joan den astean, Erroman. Cohenen esanek protestak piztu dituzte, eta Libiako Gobernuak azkar erreakzionatu du. Kargutik kendu du Al-Mangux, behin-behinean, eta «ikerketa administratibo bat» hasi du zer gertatu den argitzeko. Libian, zigortuta dago Israelekin elkarlanean aritzea. Izan ere, erakunde sionistatzat daukate, eta ez diote estatu izaera aitortzen. 1957ko lege batek zehazten duenez, bederatzi urtera arteko zigorra ezar dakioke debekua urratzen duenari. Al-Manguxen eta Cohenen arteko bilerarekin suminduta, ehunka lagun irten ziren kalera, atzo iluntzean, Libian, Atzerri ministroaren eta gobernu osoaren dimisioa eskatzera. Manifestari taldeak elkartu ziren Atzerri Ministerioaren egoitzaren parean, eta beste batzuk GNUko lehen ministro Abdul Hamid Dbeibahk Tripolin duen etxebizitzan. Hiriburuan eta haren metropolian ez ezik, herrialdearen mendebaldeko zenbait hiritan ere errepideak moztu zituzten barrikadekin. Cohenek atzo azaldutakoaren arabera, Al-Mangux eta bera Erroman bildu ziren joan den astean, Antonio Tajani Italiako Atzerri ministerioarekin batera. «[Libiako] Atzerri ministroarekin hitz egin nuen bi herrialdeen arteko harremanek izan dezaketen potentzial handiari buruz». Israelgo diplomaziaburuak gaineratu zuen gisa horretako lehen bilera izan zela bi estatuen artean. «Libiaren tamainak eta kokapen estrategikoak aukera izugarria eskatzen dio Israelgo Estatuari». Al-Manguxek, berriz, ukatu egin du Israel ordezkatzen ari zen inorekin bildu izana. Aitortu du Cohenekin batu zela Erroman, «modu ez-ofizialean», Tajanirekin egin zuen bileran. Baina, haren esanetan, ez zuen inolako eztabaidarik izan Cohenekin, ezta inolako akordiorik edo kontsultarik egin ere. Israeli leporatu dio «gertaera hori bilkura bat edo elkarrizketa bat balitz bezala aurkeztea». Behin-behinean kargugabetutako ministroak ziurtatu duenez, «formazio sionistarekin harremanak normalizatzearen aurkakoa» da, «erabat», eta berretsi du Libiak Palestinarekiko elkartasunari eusten diola. Cohenen hitzak plazaratu eta gutxira, Libiako Presidentetza Kontseiluak azalpenak eskatu zizkion gobernuari. Presidentetza Kontseilua NBE Nazio Batuen Erakundeak sustatutako bake prozesuaren emaitza da, herrialdeko gatazka eta zatiketa politikoa gainditzeko helburuarekin garatutakoa. Kontseiluak Libiako hiru eskualdetako ordezkariak biltzen ditu, bakoitzetik bat, eta zenbait eskumen exekutiboren jabe da. Ohar bidez salatu zuen Al-Manguxen eta Cohenen arteko bilerak ez duela islatzen Libiaren atzerri politika. «Erakunde sionistarekin harremanak normalizatzea zigortzen duten Libiako legeak urratzea dakar horrek». Kontseiluak Dbeibahri eskatu dio «legea ezarri» dezala baldin eta Libiako eta Israelgo Atzerri ministroen arteko bilera gertatu bada. Reuters albiste agentziak Israelgo Gobernuko iturri bat aipatuz adierazi duenez, Al-Manguxen eta Cohenen arteko bilerari oniritzia eman zioten Libiako «maila goreneko» agintariek, eta ordubete baino gehiago iraun zuen. Associated Press agentziak, berriz, Libiako Gobernuko iturri bati erreferentzia eginez esan du Libiaren eta Israelen arteko harremanen normalizazioa hizpide izan zutela Libiako lehen ministroak eta CIA AEBetako Inteligentzia Agentzia Zentraleko zuzendari William Burnsek, azken horrek urtarrilean Tripolira egin zuen bidaian. Iturriaren arabera, Burnsek Dbeibahren gobernuari eskaini zion AEBek sustatutako Abraham akordioetara batzea, Tel Avivekin harreman diplomatiko ofizial bati hasiera emateko, aurretik Arabiar Emirerri Batuek, Marokok, Bahrainek eta Sudanek egin bezala. Cohenen adierazpenek kritikak eragin dituzte Israelen ere. Yair Lapid Atzerri ministro ohi eta gobernuburu izandakoak gaitzetsi egin du Tel Avivek bileraren berri eman izana. «Munduko herrialdeak Israelgo eta Libiako Atzerri ministroen arteko bileraren filtrazio arduragabeari begira daude, eta bere buruari galdetzen diote: posible da herrialde horrekin harreman diplomatikoak izatea? Posible da herrialde horrengan konfiantza izatea?». Nahiz eta Israelek zenbait herrialde arabiarrekin harremanak normalizatzea lortu duen azken hiru urteetan, Benjamin Netanyahu lehen ministroak ultraeskuineko alderdiekin batera eratu duen gobernuak areagotu egin ditu Tel Aviven kolonizazio politiken gaineko kritikak.
2023-8-28
https://www.berria.eus/albisteak/232177/manuel-de-fallari-aitortza-viktoria-eugenian.htm
Kultura
Manuel de Fallari aitortza Viktoria Eugenian
Euskal Barrokensemblek Fallaren ‘Amodio sorgina’-ren bertsio moderno bat eskainiko du gaur, Musika Hamabostaldian. Musika klasikoa eta herri musika uztartuko ditu.
Manuel de Fallari aitortza Viktoria Eugenian. Euskal Barrokensemblek Fallaren ‘Amodio sorgina’-ren bertsio moderno bat eskainiko du gaur, Musika Hamabostaldian. Musika klasikoa eta herri musika uztartuko ditu.
«Herri musika inspirazio iturri agortezina da», Musika Hamabostaldiko antolatzaileen hitzetan. Hori da aurtengo aldian Euskal Barrokensemble taldeak parte hartzearen arrazoia; Amodio sorgina: Manuel de Fallaren musikaren muina ikuskizuna aurkeztuko du taldeak, gaur, Viktoria Eugenia antzokian, 20:00etan. Europan zehar ibili da konpainia ikuskizun hori eskaintzen, eta Donostian egiten duten lehen aldia da; adierazi dute pozik daudela jaialdiak eman dien aukerarengatik. Pastora Imperiok eta haren amak bildutako ijitoen elezaharrean eta antzinako aireetan inspiratuta konposatu zuen Manuel de Fallak Amodio Sorgina. Haren helburua Andaluziako (Espainia) musika muina islatzea zen, flamenkoaren beste aldaera batzuk txertatuz: solearea, poloa, martinetea eta zambra, adibidez. Taldearentzat «erreferente bat» da Falla, eta, konpositore hark bezala, miresten ditu Andaluziako kantua eta flamenkoa; horregatik, flamenko kantari bat aukeratu dute, Maria Jose Perez, euren ikuskizunean laguntzeko; Maria Moreno flamenko dantzariak ere parte hartuko du. Bertsio fresko bat Euskal Barrokensembleren bertsioa «freskoa» da, Perezen begietan. Duela bospasei urte sortu zuten ensemblekoek, eta hainbat konpositoreren obren zatiak harilkatu dituzte Fallaren ganbera musikarekin, hala nola Joaquin Rodrigoren Aranjuezko kontzertua. Heri musika eta musika klasikoa uztartzen ditu obrak, eta Enrike Solinis taldearen zuzendariaren ustez, «bi mundu horiek uztartzea da filosofiarik inportanteena». Euskal Barrokensembleren formazioa zenbait ezaugarrik definitzen dute: garrantzi handia ematen diote inprobisatzeko joerari eta garai desberdinetako musika berregiteari, eta lotura handia dute musika klasikoarekin eta herri musikarekin, besteak beste. Horren harira, Perezek adierazi du zerk atxikitzen duen proiektura: «Flamenkook ere inprobisatzen dugu, eta horregatik piztu zidan arreta proiektuak». Ikuskizun honetan bildu diren piezak tradizioaren gaineko miresmena dute abiaburu; izan ere, Fallak oso presente zuen tradizioaren garrantzia, eta Euskal Barrokensemble bat dator, erabat, kontzeptu horrekin. «Fallaren esentzia errepresentatu nahi izan dugu», adierazi du Solinisek. Hala ere, Fallarenak ez diren piezak ere interpretatuko dituzte. Dimitrie Cantemirren, Rodrigoren, Gaspar Sanzen, Nicola Matteisen, Girolamo Kapsbergerren eta Antonio de Santa Cruzen obrak ere entzungo dira ikuskizunean. Publiko zabal batentzat eginda dago, eta, taldearen hitzetan, «inor ez da etortzeaz damutuko».
2023-8-28
https://www.berria.eus/albisteak/232178/ocdeko-herrialdeen-hazkundea-04ra-geldotu-da.htm
Ekonomia
OCDEko herrialdeen hazkundea %0,4ra geldotu da
Urteko lehen hiruhilekoan, %0,5 hazi zen Mendebaldeko herrialdeetako ekonomia, bigarrenean baino 0,1 puntu gehiago.
OCDEko herrialdeen hazkundea %0,4ra geldotu da. Urteko lehen hiruhilekoan, %0,5 hazi zen Mendebaldeko herrialdeetako ekonomia, bigarrenean baino 0,1 puntu gehiago.
Mendebaldeko potentzien eta haien aliatuen ekonomiek hazten jarraitu dute aurtengo bigarren hiruhilekoan, baina lehenengoan baino motelago hazi dira. Urtearen lehen hiruhilekoan, %0,5 hazi ziren, eta bigarrenean, berriz, %0,4. OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeko herrialde guztiek baieztatu dute erakundeak argitaratutako datua. Urte artean, hazkundea %1,5ekoa izan da apiriletik ekainera, urtarriletik martxora baino 0,1 puntu gutxiago (+%1,6). Hazkundea, baina, ez da herrialde guztien errealitatea, bilakaera ezberdina izaten ari baita lekuz leku. Poloniak izan du 2023ko bigarren hiruhileko txarrena, aurrekoarekin alderatuta %3,7 egin baitu behera bere BPG barne produktu gordinak. Suediako ekonomia %1,5 murriztu da, eta Kolonbiakoa, berriz, %1. Txanponaren beste aldean Irlanda dago, %3,3 hazi baita BPGa. Lituaniako ekonomia %2,8 hazi da, eta Japoniakoa, berriz, %1,5. Frantziako ekonomia %0,5 hazi da, eta Espainiakoa, berriz, %0,4. Alemania, euroguneko potentzia nagusia, geldoaldian dago oraindik ere, eta ekainaren amaieran bere ekonomia %0,1 murriztu zen 2022ko ekainarekin alderatuta. Urtetik urtera BPGa murriztu zaion G7ko herrialde bakarra da.
2023-8-28
https://www.berria.eus/albisteak/232179/tadek-dokumentazio-gehiago-eskatu-dio-csdri.htm
Kirola
TADek dokumentazio gehiago eskatu dio CSDri
Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltza Rubiales ikertzen hasi da, sexu-eraso delitu bat egin ote zuen argitzeko.
TADek dokumentazio gehiago eskatu dio CSDri. Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltza Rubiales ikertzen hasi da, sexu-eraso delitu bat egin ote zuen argitzeko.
Espainiako Kirol Auzitegi Administratiboa gaur bildu da CSDk ostiralean aurkeztu zuen salaketa ikertzeko. Normalean ostegunean biltzen da, baina ezohiko bilera bat egin du gaur Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioko presidenteak Munduko Kopako finalean Jennifer Hermoso jokalariari baimenik gabe eman zion musuaren auziagatik. Espainiako Kirol Kontseilu Gorenak (CSD) bere salaketan argudiatu du hutsegite oso larria egin duela Rubialesek. TADek hala ebatziz gero, behin-behinean inhabilitatu ahal izango luke CSDk, kirol justiziak behin betiko erabaki bat hartu arte. TADek, ordea, ez du erabakirik hartu gaur, eta gertatutakoaren inguruan dokumentazio gehiago bidaltzeko eskatu dio CSDri. CSDko presidente Victor Francosek, atzo egin zuen agerraldian, defendatu egin zuen TADen aurkeztutako salaketa, eta Rubialesek egindakoa hutsegite oso larria dela berretsi zuen. Espainiako Auzitegi Nazionalean da auzia Kirol justiziak erabaki bat hartu bitartean, justizia arrunta bere bidea egiten ari da, eta auzia Espainiako Auzitegi Nazionalera iritsi da. Rubialesek Sydneyn eman zion musu baimenik gabe Hermosori, Munduko Futbol Kopako finalean. Espainiatik kanpo egin duenez hori, Auzitegi Nazionalaren eskumena da deliturik izan ote den ikertzea; EFE albiste agentziak atzo aurreratu zuen fiskaltzak prozesu bat abiatu duela auzibideari ekiteko. Fiskaltzak zehaztu du prozesu judiziala ez duela hasi oraindik, baina ikertzen ari dela Munduko Futbol Koparen finalaren sari-emate ekitaldian gertatutakoa. Txapelketa irabazi ondoren, Espainiako jokalariak domina jasotzera joan zirenean, Rubialesek bi eskuekin Hermosori burua heldu, eta musu bat eman zion ahoan. Fiskaltzak baztertu egin ditu Rubialesek joan den astean eman zituen azalpenak. Hermosoren adierazpenak entzun ondoren, azaldu du ez dagoela zalantzarik Rubialesek baimenik gabe eman ziola musu. Fiskaltzak argudiatu du baimenik gabe musu ematea sexu eraso bat egitea dela. Ikusi gehiago: Analisia. Olatz Artola Apeztegia: 'Zenbat Rubiales' Fiskalak sinatu duen dekretuan gogoratu duenez, zenbait epairen arabera, soilik baietz da baietz legeak zigortzeko moduko erasotzat jasotzen ditu baimenik gabe ahoan emandako musuak. Eta zehaztu du Espainiako Zigor Kodearen arabera sexu-eraso, jazarpen eta abusu delituen kasuetan erasoa jasan duenaren edo haren ordezkari legalaren salaketa edo fiskaltzaren kereila bat behar dela auzibide bati ekiteko. Horregatik, salaketa jar dezakeela jakinarazi dio fiskaltzak Hermosori, eta hamabost eguneko epea eman dio eurekin harremanetan jartzeko. Mugimendu feministak deituta, bilkura bat egin zuten atzo Madrilen Hermoso babesteko, eta, besteak beste, «ez da musu bat, eraso bat da», oihukatu zuten. Abuztuaren 20an jokatu zen Espainiaren eta Ingalaterraren arteko finala. Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak nabarmendu egin du Rubialesen erasoa Espainiako eta atzerriko hedabideetan izaten ari den oihartzuna. Atzo, besteak beste, Stephane Dujarric Nazio Batuen Erakundeko bozeramailea mintzatu zen auziaz: emakume kirolari guztien eskubideak errespetatzeko eskatu zuen. Gaineratu zuen, Rubialesek musu emateko Hermosoren baimena zuela adierazten duen ezer ez dela ikusten irudietan. Hautatzaileak, kolokan Auziak kolokan jarri ditu Espainiako bi futbol hautatzaile nagusien karguak. Joan den astetik, dozenaka futbolari emakumezkok uko egin diote Espainiako selekzioarekin jokatzeari Jorge Vildak entrenatzaile karguan jarraitzen duen bitartean. Espainiak irailaren 22an jokatu behar du Nazioen Ligako lehen jardunaldiko partida, Suediaren aurka, eta, Olinpiar Jokoetarako sailkatzeko txapelketa bat izango denez, jokatu ezean, baliteke kolokan egotea munduko txapeldunek Parisko Olinpiar Jokoetan parte hartzeko aukera. Luis de la Fuente gizonezkoen hautatzailea kargugabetzeko ere eskatu du hainbatek. Rubialesek joan den asteko agerraldian dimisioa emango ez zuela esan zuenean, txalo egin zuen De la Fuentek. Espainiako Federazioa lurralde ordezkariekin bildu da gaur ezohiko bilera batean. Bileran ez du parte hartu Rubialesek, FIFAk 90 egunerako inhabilitatu baitu Espainiako Federazioko presidente eta UEFAko presidenteordea. Lerro hauek idazteko orduan, ez zen hartutako erabakiaren berririk.
2023-8-28
https://www.berria.eus/albisteak/232180/gizon-bat-atxilotu-dute-iruntildeean-eta-beste-bat-burlatan-sexu-erasoak-egitea-leporatuta.htm
Gizartea
Gizon bat atxilotu dute Iruñean, eta beste bat Burlatan, sexu erasoak egitea leporatuta
Gizonezko batek Iturrama auzoan egin zion eraso 22 urteko neska bati, ibilgailu baten barruan. Besteak Burlatako jaietan eraso zion adin txikiko neska bati; hura espetxeratzeko agindua eman zuen atzo epaileak.
Gizon bat atxilotu dute Iruñean, eta beste bat Burlatan, sexu erasoak egitea leporatuta. Gizonezko batek Iturrama auzoan egin zion eraso 22 urteko neska bati, ibilgailu baten barruan. Besteak Burlatako jaietan eraso zion adin txikiko neska bati; hura espetxeratzeko agindua eman zuen atzo epaileak.
Iruñeko Udaltzaingoak 61 urteko gizon bat atxilotu du Nafarroako hiriburuko Iturrama auzoan, 22 urteko neska bati sexu erasoa egitea egotzita. Ostiral goizaldean eraso zion neskari, ibilgailu baten barruan. Erasoa jasan zuen emakumeak salaketa jarri zuen ostiral goizaldean bertan, eta udaltzainei adierazi zien lo zegoela egin ziola gizonak eraso. Bestetik, Foruzaingoak jakinarazi duenez, gizonezko bat atxilotu zuten asteburuan Burlatan (Nafarroa), adin txikiko neska bati sexu eraso bat egitea egotzita. Ustez Burlatako jaietan izan zen erasoa, abuztu erdialdean. 13 urte ditu biktimak. Atxilotua epailearen esku utzi dute gaur, eta hark espetxean sartzeko agindua eman du.
2023-8-28
https://www.berria.eus/albisteak/232181/frantziako-sindikatuek-erosteko-ahalmena-mantentzearen-alde-mobilizatzeko-deia-egin-dute.htm
Ekonomia
Frantziako sindikatuek «erosteko ahalmena» mantentzearen alde mobilizatzeko deia egin dute
Udaberri bero eta uda hotz baten ostean, mobilizatzera deitu dute Frantziako sindikatuek urriaren 13rako
Frantziako sindikatuek «erosteko ahalmena» mantentzearen alde mobilizatzeko deia egin dute. Udaberri bero eta uda hotz baten ostean, mobilizatzera deitu dute Frantziako sindikatuek urriaren 13rako
Frantziako Gobernuak aurtengo udaberrian egindako erretreten erreformak iraun zuen hilabeteetan, hainbat mobilizazio eta greba egun antolatu dituzten sindikatuek, erretiroaren adina bi urte gibelatzea eragozteko, baina azkenean ez zuten lortu helburua, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak bere legea onartzea lortu baitzuen. Ia astero, Ipar Euskal Herriko eta Frantziako kaleak hartu zituzten erreformaren aurkakoek, baina erreforma onartu ostean hoztu egin zen mugimendua. Hala, Frantziako zortzi sindikatu nagusiak barnebiltzen dituen intersindikalak beste mobilizazio fase bat aurkeztu du gaur, erosteko ahalmenaren eta genero berdintasunaren alde eta herstura ekonomikoaren aurka. Urriaren 13an egingo dute lehen protesta eguna, Europako Sindikatuen Konfederazioak bultzatuta. Oraindik ez dute grebara deitu egun horretarako, baina sindikatuek ez dituzte ateak itxi. Soldaten, pentsioen eta gizarte laguntzen igoeren eskaera izango da aldarrikapen zentrala egun horretan. Sindikatuek adierazi dute enpresa handiak inoiz baino gehiago irabazten ari direla azken urteetan, eta aberastasun horren banaketa justuago bat eskatuko dute urriaren 13an. Ipar Euskal Herriko LABek oraindik ez du adierazpenik egin protesta egun horri buruz.
2023-8-28
https://www.berria.eus/albisteak/232182/upnren-barne-krisia-areagotu-du-sanzek-esparza-jomugan-jarrita.htm
Politika
UPNren barne krisia areagotu du Sanzek, Esparza jomugan jarrita
Lehendakari ohiak salatu du alderdiaren estrategia «okerra» izan dela azken urteetan
UPNren barne krisia areagotu du Sanzek, Esparza jomugan jarrita. Lehendakari ohiak salatu du alderdiaren estrategia «okerra» izan dela azken urteetan
Labanak zirti-zarta dabiltza Iruñeko Vianako printzearen plazako egoitzan. UPNk Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan lortutako emaitza kaskarrek eta hirugarrenez jarraian Nafarroako Gobernutik at geratu izanak hautsak harrotu dituzte alderdiaren barruan. Urak baretu nahian, alderdiko presidente Javier Esparzak aurreko astean iragarri zuen uko eginen diola gobernurako hautagai izateari, baina ez zuen autokritikarik egin, eta emaitza txarrak gutxietsi zituen: «PSNren egungo jarrerarekin, ez ziratekeen lehendakari izanen ez Miguel Sanz, ez Yolanda Barcina». Orain, Sanzek berak eman dio arrapostu Esparzari, eta koska bat areagotu du UPNren eltze barruko presioa. Esparzak bezala, Sanzek ere Diario de Navarra egunkarian egin ditu adierazpenak, eta ia puntuz puntu birrindu du UPNk azken urteetan erabili duen estrategia: «Aurrekoan, Javier Esparzak esan zuen UPNren barruan ez dagoela ezinegonik, dena ongi doala. Hori ez dator bat niri iritsi zaizkidan mezuekin. Eta ez dira bat, bi, hiru, lau edo bost izan. Ezinegona egon badago», esan du 16 urtez Nafarroako Gobernuko lehendakari eta UPNko presidente izan zenak. Ikusi gehiago: Javier Esparzaren soslaia Haren ustez, gainera, ezinegon horren oinarrian dago hauteskundeetarako bakarka aurkezteko erabakia, PPrekin sinatutako aliantza estrategikoa apurtu ostean: «Estrategia okerra izan da», laburbildu du Sanzek. «[Espainiako Gorteetarako hauteskundeetara] elkarrekin joateko kontraproposamena egin zigun PPk, eta hanka sartzea izan zen eskaintza hori onartu ez izana». Horren ondorioz, Espainiako Kongresuan zituen bi diputatuetatik bat galdu zuen UPNk, eta Nafarroako indarretan laugarrena izan zen: «Azken urteetako lidergoa galdu dugu», laburbildu du presidente ohiak. Are: «oso larritzat» jo du, EH Bildu bigarren indarra izatea. Hauteskundeetako emaitzez harago, ordea, alderdiaren «noraeza» eta «garaietara egokitzeko gaitasunik eza» kritikatu ditu Sanzek. UPNk azken urteetan hartutako norabidea txarretsita, buruzagi erregionalistak gaineratu du kritika politikoan «askoz sendoago» aritu beharko lukeela alderdiak: «Ideologikoki eta estrategikoki berrarmatu behar dugu, printzipioei uko egin gabe». Ikusi gehiago: Javier Esparzaren dilema: EAJz mozorrotu ala Unidad Alavesa izan Zehazki, PSN alderdi ezkertiar eta abertzaleengandik aldentzeko estrategia proposatu du: «Ahalik eta gehiena gehitu beharko genuke, indarrak zuhurtziaz handitu, eta arerioa zatitu. Eta guk ez dugu ez indarrik handitzen, ez arerioa zatitzen; kontrara, gero eta gehiago hurbiltzen dugu PSN euskal abertzaleengana». Sanzek gehitu du horren helburua dela UPN ez desagertzea: «Ez nuke nahi UPNri gertatzea Unidad Alavesari gertatu zitzaiona».
2023-8-28
https://www.berria.eus/albisteak/232183/evenepoelen-kolpea-vueltako-lehen-saio-menditsuan.htm
Kirola
Evenepoelen kolpea, Vueltako lehen saio menditsuan
Etapa eta lidergoa eskuratu ditu flandriarrak Vueltako hirugarren etapan. Erori egin da helmuga zeharkatu ostean, langile batekin talka egin eta gero
Evenepoelen kolpea, Vueltako lehen saio menditsuan. Etapa eta lidergoa eskuratu ditu flandriarrak Vueltako hirugarren etapan. Erori egin da helmuga zeharkatu ostean, langile batekin talka egin eta gero
Hasi orduko hartu du aginte makila Remco Evenepoelek (Soudal) Espainiako Vueltan. Iazko txapelduna maillot gorriaren jabe egin da gaur, mendiko lehen etapan. Arinsaleko mendatean bukatu da etapa, aurrez Ordino igo ondoren, eta flandriarra nagusitasunez gailendu da faboritoen arteko esprintean, azken metroetan duen abiadaz baliatuta. Primoz Roglic (Jumbo) ere oso errematatzaile ona da, baina haren taldekide Jonas Vinegegaard (Jumbo) hurbildu zaio gehien Evenepoeli. Danimarkarra bigarren izan da, eta hirugarren postuan Juan Ayuso (UAE) sartu da. Roglicek, berriz, laugarren egin du. Hautagai nagusien artean, Geraint Thomas (Ineos) izan da huts egin duen bakarra: 47 segundo galdu ditu. Erlojupekoa ilunpean, txintxetak errepidean, txirrindulariak protestan… Vueltak hasiera zalapartatsua izan zuen asteburuan. Gaur normaltasunez lehiatu da tropela, baina hautsak harrotu egin dira berriro: faboritoen mahaian kolpea eman eta helmuga gurutzatu berritan, egundoko kolpea hartu du Evenepoelek langile batekin. Zauri odoltsua zabaldu zaio bekainean. Ezbeharrak ez du bestelako ondoriorik izan, eta liderrak irribarrez ospatu du garaipena taldekideekin. Enric Masek (Movistar) ere pozik bukatu du etapa, Tourreko erorikoaren ostean sasoiko iritsi dela berretsi duelako, eta bigarren jarri delako sailkapenean, Evenepoelengandik bost segundora. Hirugarren Lenny Martinez (Groupama) dago, 11 segundora. Borroka handia izan da hasieran ihesaldia osatzeko, eta, 40 kilometroren ondoren, 11 lagun nabarmendu dira lasterketa buruan. Euskal herritar bat zen tartean, Jon Barrenetxea (Caja Rural), eta sailkapen nagusiari begira mehatxagarriak ziren bi txirrindulari: Damiano Caruso (Bahrain) eta Lennard Kamna (Bora). Itzuli handietan irabaziak ziren biak, Andrea Vendrame (Ag2r) eta Pierre Latour (Total) iheskideak bezala. Caruso eta Kamnaren ekinaldiarekin ez ziren gustura Jumbo Visma, Soudal eta Ineos, Vueltako hautagai nagusien taldeak. Hori horrela, kate motzean lotu dituzte aurrekoak: lau minuturen aldea eman diete gehienez. Kilometro askoan ez dute zailtasun orografikorik topatu, harik eta Ordinoren magalera iritsi diren arte, 38 kilometroren faltan, behin Andorran sartuta. Hara bidean, tropelak 2.30era txikitu du aldea. Ez zen asko, baina Caruso ez zegoen amore emateko, eta borondatetsu jokatu du maldan gora, gurpilean Kamna eta Eduardo Sepulveda (Lotto) zituela. Arinsalera Caruso eta Kamna iritsi dira buruan, Sepulveda atzean geratu baita maldan behera. Minutu baten aldearekin ekin diote azken mendateari. Alemaniarra erasoari lotu zaio, eta, kostata bada ere, Caruso gainetik kendu du azkenean. Atzean zabal-zabal eginda hasi dute igoera, baina gauzak aldatu egin dira azken lau kilometroetan, Vinek erritmoa gogortu duenean. Banako ilaran jarri ditu txirrindulariak, eta orduan hasi da sufritzen Thomas, beste ziklista askorekin batera. Vineren lanari Ayusoren erasoak eman dio jarraipena. Ezin izan du tarterik ireki, berehala gainera etorri baitzaio Vingegaard. Gero Sepp Kuss (Jumbo) eta Marc Soler (UAE) saiatu dira ihes egiten, baina ez dira urrun iritsi. Kamna ere azken bi kilometroen barruan harrapatu dute, eta garaipena esprintean jokatu. Evenepoelek hartu du ekimena, eta inork ez du ezbaian jarri haren garaipena. Etapa leunagoa jokatuko dute bihar, Andorra la Vella eta Tarragona artean. Hirugarren mailako bi mendate igoko dituzte 185 kilometroan, biak ere etaparen bigarren zatian. Irabazlea eguneko ihesaldian egon daiteke, baina tropelean itxaron eta mendateetan mugitzen diren ehiztariek ere aukeraren bat izan dezakete. Esprinter baten garaipena ere ezin da guztiz baztertu.
2023-8-28
https://www.berria.eus/albisteak/232184/kutxabankek-inbertsio-funts-jasangarrien-merkatuaren-145-du.htm
Ekonomia
Kutxabankek inbertsio funts jasangarrien merkatuaren %14,5 du
Bankuak dituen bi produktu Europan gehien saltzen direnen artean daude
Kutxabankek inbertsio funts jasangarrien merkatuaren %14,5 du. Bankuak dituen bi produktu Europan gehien saltzen direnen artean daude
Kutxabank indarrak jartzen ari da funts jasangarrietara ahalik eta inbertsio gehiena erakartzeko, eta lortzen ari da hein batean, mota horretako funtsetan Espainiako Estatuan egiten diren inbertsioen %14,5 baititu. Datu hori are esanguratsuagoa da ohiko funtsen merkatuan duen pisuarekin alderatuta; izan ere, merkatu horretan %7,5ko kuota du horietan. Inbertsio funts jasangarrietan, beraz, kuota ia bikoitza du. Bankuaren arabera, bezeroen eskura dituen 9. artikuluko bi produktu Europan gehien saltzen direnen artean daude: Kutxabank RF Helburu Jasangarria eta Kutxabank RV Helburu Jasangarria dira. Hala ere, Kutxabankek adierazi du «jasangarritasunera lerrokatzea» ez dela berria, funts solidarioa duela hamazazpi urte atera baitzuten. Kutxabanken arabera, urtearen lehen erdian inbertsio funtsetan harpidetza garbi gehien izan dituzten entitateetan bigarrena izan da Espainian eta Hego Euskal Herrian, beste 2.425 milioi euro lortu baititu, merkatuan egindako diru sarreren %16,3. Hala, Kutxabankek guztira 25.000 milioi euro dauzka inbertsio funtsetan banatuta.
2023-8-28
https://www.berria.eus/albisteak/232185/arabarrek-penaltiz-galdu-dute-partidaren-azken-txanpan.htm
Kirola
Arabarrek penaltiz galdu dute, partidaren azken txanpan
Getaferen joko lehorrak erabat kutsatu du Alaves, eta partida itxia eta lehia handikoa osatu dute bi taldeek. Mayoralek sartu du gola 84. minutuan.
Arabarrek penaltiz galdu dute, partidaren azken txanpan. Getaferen joko lehorrak erabat kutsatu du Alaves, eta partida itxia eta lehia handikoa osatu dute bi taldeek. Mayoralek sartu du gola 84. minutuan.
Dentistaren hitzordura joatea bezalakoxea da Getaferen zelaira bisita egitea, aurrez jakin baitezake batek zer topatuko duen gutxi gorabehera. Ezer atseginik nekez dentistarenean, eta Madrilgo taldearen berdegunean ere antzerako zerbait. Besteak beste, futbolean nahi bezala jokatzeko eta puntuak batzeko ez baita aproposena Getaferen etxea. Ohi bezala, gaur ere partida lehorra, itxia eta lehia handikoa planteatu du Getafek, eta Alavesek ez du gaitasunik izan tranpa horretatik ihes egiteko. Bi taldeek joko zuzena izan dute ardatz, eta defentsako lanari askoz erreparo gehiago jarri diote erasokoari baino. Lehen zatia bereziki itxia izan da, eta bigarrenean hobeto jokatu du Alavesek, baina ez du saririk jaso. Kontrakoa: penalti batek erabaki du neurketa, etxekoen alde. Zalantza handia eragin du penalti batek, hain zuzen. Halako partidatan gertatu ohi den moduan, akatsak garesti irten ohi dira, eta gasteiztarrei puntuak ihes egin diete azken txanpan. Etorriko zenaren esperoan edo, lehenbiziko minututik agertu da Alaves lehiarako prest eta indartsu. Apur bat muzin egin dio baloia oinetan eduki eta jokatzeari, eta Getafek bezala, baloi luzeak jartzera bideratu du bere jokoa. Buruz buruko izugarria eduki dute jokalariek, eta jokoa kontrolatzeko, bereziki garrantzitsua zen bigarren jokaldietan adi egotea. Bada, Alaves dotore aritu da lan horretan, aldaratze gehienak jokalari gasteiztarren oinetan geratu dira. Defentsan bikain aritu da Luis Garcia Plazaren taldea, Latasa Getafeko aurrelariak ez baitu aukerarik izan arnasa hartzeko ere. Erasoan, berriz, Kike Garciarengana bideratu ditu baloi gehienak Alavesek, eta aurrelariak lan zikina bezain ona osatu du. Baina areatik urrun. Laburbilduz, inspirazioari uko egin eta aurkariaren akatsaren zain aritu dira nor baino nor gehiago bi taldeak, eta Alavesek egin du akats larria, 26. minutuan. Gebarak, baloia atezainari eman nahian, Mayoral Getafeko aurrelariari eman dio, eta hark ez du aukera baliatu. Sivera atezainaren aurrean bakarrik gelditu, hari iskin egin eta jaurtiketa zutoinera bidali du. Abisua izan da gasteiztarrentzat. Erasoan zerbait gehiago egitea falta izan zaie arabarrei. Estrategia bidezko hainbat jokalditan saiatu dira, falta eta kornerretan, hain zuzen, baina antzu ibili dira Atsedenaldiaren atarian Riojak aukera polit bat eduki du, baina ez du asmatu. Irekixeagoa izan da bigarren zatiaren hasiera. Noski, Getafek berak ere garaipena behar zuen jaitsiera postuetan lo egin ez zezan, eta etxekoen behar horrek apur bat alaiagoa bihurtu du jokoa. 47. minutuan, esaterako, oso gertu izan du gola Maksikovicek, baina haren burukadari ederki erantzun dio Siverak. Hurrengo minutuan beste arean erantzun du Kike Garciak. Ordura arteko xake partida aldatua zegoela begien bistakoa zen, eta horrek Alavesi egin dio mesede. Pixkanaka konfiantza hartuz joan dira jokalariak, eta minuturik onenetan murgilduta dira arabarrak. Bi hegaletatik ongi iristen ziren Getaferen areara, eta gola egiteko bi aukera eder izan dituzte. Abqarrek lehenbizi eta Alkainek gero ez dute asmatu. Penalti inozoa Bazirudien berdinketa ontzat jo zezaketela bi taldeek azken txanpan, baina penalti inozo batek erabaki du guztia. Halako gidoietan aktore onenen pare sentitu ohi da Getafe, eta misterio handirik ez zuen erdiraketa bati ederki atera dio zukua Latasak. Buruz errematea egitera zihoala ukondoa jarri dio parean Abqarrek, eta epaileak ez du zalantzarik izan. Bada, Mayoralek arratseko gol bakarra egin du penalti puntutik, 84. minutuan. Erabakiak bere onetik atera du Alaveseko entrenatzailea. Hala amaitu da partida.
2023-8-29
https://www.berria.eus/albisteak/232201/hil-egin-da-buztintze-hiriberrin-izaniko-istripuan-larri-kolpaturiko-emaztea.htm
Gizartea
Hil egin da Buztintze-Hiriberrin izaniko istripuan larri kolpaturiko emaztea
26 urteko emaztea hil egin da igandean gertaturiko istripuaren ondorioz. Baionako ospitalera eraman zuten.
Hil egin da Buztintze-Hiriberrin izaniko istripuan larri kolpaturiko emaztea. 26 urteko emaztea hil egin da igandean gertaturiko istripuaren ondorioz. Baionako ospitalera eraman zuten.
Atzo arratsaldean hil zen 26 urteko emaztea, Sud Ouest egunkariak jakinarazi duenez. Joan den igandean, Buztintze-Hiriberrin (Nafarroa Beherea) bi autoren arteko istripua gertatu zen 12:00 aldera. Auto baten gidariak kontrola galdu omen zuen; kontrako bidera eramana izan zen, eta beste autoarekin buruz buruko kolpea hartu. Bigarren autoan zegoen familia zauririk gabe atera da.
2023-8-29
https://www.berria.eus/albisteak/232202/adostasun-zabalik-ezean-eh-bildu-prest-dago-hezkuntza-legea-eajrekin-bakarrik-onartzeko.htm
Gizartea
Adostasun zabalik ezean, EH Bildu prest dago Hezkuntza Legea EAJrekin bakarrik onartzeko
Otegik esan du akordio zabal batek ezin duela «lege txar bat» egitera eraman. Ez du argitu bera izango den edo ez Eusko Jaurlaritzako lehendakarigaia, eta militantziaren esku utzi du erabakia.
Adostasun zabalik ezean, EH Bildu prest dago Hezkuntza Legea EAJrekin bakarrik onartzeko. Otegik esan du akordio zabal batek ezin duela «lege txar bat» egitera eraman. Ez du argitu bera izango den edo ez Eusko Jaurlaritzako lehendakarigaia, eta militantziaren esku utzi du erabakia.
Eusko Legebiltzarrean tramitatzen ari dira Hezkuntza Lege proiektua, eta lege hori adostasun zabal batekin onartzea nahi du EH Bilduk, «ahalik eta legerik onena izan dadin», Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak gaur Radio Euskadin esan duenez. Aitzitik, adostasun zabala lortzea posible ez bada, Otegik ziurtatu du EH Bildu prest dagoela EAJrekin bakarrik onartzeko. «Hori al da desiragarriena? Ziurrenik ez; hobe da hezkuntza lege bat adostasun handiagoarekin egitea, baina adostasun handiagoak ezin gaitu lege txar bat egitera eraman», azaldu du. Hezkuntza lege «on» baten alde lan egingo du EH Bilduk, uste baitu Araba, Bizkai eta Gipuzkoarentzat «proiektu estrategikoa» dela, baina Otegik ohartarazi du adostasun zabala bilatzeak ez duela helburu bakarra izan behar: «Denok egin beharko genuke ahalegin bat ulertzeko ahalik eta adostasun handienarekin egin behar dela, baina ahalik eta adostasun handiena lortze horrek ez gaitu eraman behar edozein lege egitera», azpimarratu du. Espainiako Gobernua Bestalde, Espainiako legealdi berriari begira, EH Bilduko buruak uste du pisua izango duela lurralde ereduaren eztabaidak. Eta arlo horretan azaldu du ez dutela «dinamika malkartsurik» planteatuko, eta «lasaitasunez eta sakontasunez» egingo diotela aurre eztabaidari. Espainiako inbestidura saioari begira, gogoratu du ez diotela bide emango eskuineko gobernu bati, eta ezkerreko gobernu bat babestuko dutela. Ezkerreko politikak egingo dituen gobernu bat behar dela uste du Otegik, eta hiru gai hartu beharko lituzke lehentasun gisa: espetxe politika, gizarte gaiak eta lurraldetasuna. Lehendakarigaia Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak izango dira datorren urtean, eta, horri buruz galdetuta, Otegik esan du EH Bilduk «irabazteko» asmoa duela, baina ñabartu du ez dutela «antsietaterik, ez obsesio berezirik, ezta presa berezirik ere». EH Bilduren lehendakarigaia nor izango den galdetuta, Otegik erantzun du garrantzitsuena ez dela hautagaia, baizik eta koalizioak egungo arazoei erantzuteko aurkeztuko duen programa. Ajuria Eneko hautagaia bera izan ote daitekeen ez du argitu, eta gaineratu du militantziak erabaki behar duela: «Jendeak erabaki behar du, EH Bilduren militantziak».
2023-8-29
https://www.berria.eus/albisteak/232203/jaurlaritzak-hasiera-eman-dio-legealdiko-azken-urte-politikoari.htm
Politika
Jaurlaritzak hasiera eman dio legealdiko azken urte politikoari
Gobernuko ordezkariek gobernu kontseiluko lehen bilera egin dute Donostiako Miramar Jauregian.
Jaurlaritzak hasiera eman dio legealdiko azken urte politikoari. Gobernuko ordezkariek gobernu kontseiluko lehen bilera egin dute Donostiako Miramar Jauregian.
Eusko Jaurlaritzak hasi du ofizialki legealdiko azken urte politikoa. Datorren urteko hauteskundeak zerumugan dituztela, Donostiako Miramar Jauregian elkartu dira Iñigo Urkullu lehendakaria eta Jaurlaritzako sailburu guztiak, baita haiei harrera egin dietenak ere: Eneko Goia Donostiako alkatea, Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia eta Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakaria. Urte politikoko gobernu kontseiluko lehen bilera egin dute han. 10:30 pasatxo zirela hasi dira, kazetarien aurrean familia argazkia atera ostean. Banan-banan sartu dira Miramar Jauregira sailburu eta agintari guztiak. Oso goiz iritsi dira Donostiako alkatea eta zenbait sailburu. 10:00ak baino lehentxago heldu dira Ezeizabarrena eta Mendoza, baita Idoia Mendia, Iñaki Arriola, Gotzone Sagardui eta Olatz Garamendi sailburuak ere. Miramar Jauregira sartu diren azken sailburuak izan dira Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburua eta Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Jaurlaritzako bozeramailea. Miramar Jauregiaren inguruetan, paseoan zebiltzan herritarren eta bisitarien artean, gaur, kazetariak, argazkilariak eta ertzainak ere ibili dira. Agintariak heltzen hasi direnean, guztiak eraikineko atera gerturatu dira, eta zenbait bisitarik galdetu dute ea zer gertatzen den. Ertzain batek azaldu die Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, «el presidente del Gobierno Vasco», bertaratuko dela. Seguruenik, Jaurlaritza zer den jakin ez badakite ere, harridura aurpegia jarri dute, eta argazkiak atera eta atera hasi dira. Sailburu eta agintari bakoitza bere autoan heldu da, eta, iristerakoan, txistulari talde batek eman diete ongietorria. Azkenik, guztiak atera dira Iñigo Urkullu lehendakariari harrera egitera. 10:15ean iritsi da, txistulariek Gora eta gora kantua jo dute, eta, kazetariei kasu egin ostean, jauregira sartu dira guztiak. Minutu batzuk geroago, berriro irten dira eraikinetik familia argazkia ateratzeko. Urkulluk, Mendozak, Goiak eta Ezeizabarrenak atera dute lehen argazkia. Gero, sailburu guztiak gehitu zaizkie, baina euria hasi du, eta argazkia atera bezain laster sartu dira eraikinera. Orduan ekin diote gobernu kontseiluaren urte politikoko lehen bilerari.
2023-8-29
https://www.berria.eus/albisteak/232204/victor-jara-hiltzea-egotzita-25-urteko-kartzela-zigor-irmoa-ezarri-diete-zazpi-militarri.htm
Mundua
Victor Jara hiltzea egotzita, 25 urteko kartzela zigor irmoa ezarri diete zazpi militarri
Txileko Auzitegi Gorenak berretsi egin du aurreko kondena, kantaria bahitu eta hiltzeagatik jarritakoa. Pinocheten diktadurako krimen sinbolikoenetako baten auzia itxi dute epaileek. Zazpi militar horietako batek bere buruaz beste egin du epaiaren berri izan ondoren.
Victor Jara hiltzea egotzita, 25 urteko kartzela zigor irmoa ezarri diete zazpi militarri. Txileko Auzitegi Gorenak berretsi egin du aurreko kondena, kantaria bahitu eta hiltzeagatik jarritakoa. Pinocheten diktadurako krimen sinbolikoenetako baten auzia itxi dute epaileek. Zazpi militar horietako batek bere buruaz beste egin du epaiaren berri izan ondoren.
Txileko justiziak herrialdeko diktaduraren krimenik sinbolikoenetako bat zigortu du gaur, sententzia irmo batekin. Auzitegi Gorenak 25 urteko kartzela zigorra ezarri die zazpi militar erretiraturi, Victor Jara musikaria bahitzeagatik eta hiltzeagatik. Estatu kolpearen 50. urteurrenaren atarian iritsi da epaia —irailaren 11n beteko da mende erdi—, diktadura militarrari buruzko kontakizun ofizialak zein izan behar duen eztabaidan dela, gizarte giro polarizatu batean. Auzitegiak baztertu egin ditu defentsak Apelazio Auzitegiaren epaiaren aurka aurkeztu zituen argudioak, eta frogatutzat jo du Raul Jofre Gonzalez, Edwin Dimter Bianchi, Nelson Haase Mazzei, Ernesto Bethke Wulf, Juan Jara Quintana eta Hernan Chacon Sotok kantautorea erail zutela, Kartzela Zerbitzuetako zuzendari Littre Quirogarekin batera. Epaiaren berri izan ondoren, Chacon Sotok bere buruaz beste egin du. Santiagoko Las Condes auzoan bizi zen, eta, tokiko hedabideen arabera, atxilotzera joan zaizkionean egin du bere buruaz beste. Txilen giza eskubideen urraketez arduratzen den segurtasun indarren unitatea joan da haren bila epaia atera ondoren, Punta Peucoko espetxera eramateko. Atxiloketaren une batean botika bat hartzeko baimena eskatu du, eta, EFE albiste agentziaren arabera, une horretan egin du bere buruaz beste. 86 urte zituen. «Gertaerak azaltzeko sentiberatasuna» Txileko Justizia ministro Luis Corderok goraipatu egin du Gorenaren epaia «arazo prozesalera» ez mugatu izana. «Gertaerak azaltzeko sentiberatasuna izan du». Horrek balio handiagoa ematen dio sententziari, haren iritziz. «Epaiek ordain funtzioa betetzen dute errudunak kondenatzeaz gain biktimen historia kontatzen dutenean». Jara bere herrialdeko eta Latinoamerikako kantagintza berriaren ikonoa zen, alderdi komunistako militantea, eta Salvador Allendek gidatu zuen ezkerreko gobernuarekin (1970-1973) kolaboratu zuen. 1973ko irailaren 12an atxilotu zuten militarrek, Estatuko Unibertsitate Teknikoan —bertako funtzionarioa zen—, estatu kolpea eman eta hurrengo egunean. Txileko Estadio Nazionalera eraman zuten handik, eta torturatu egin zuten. Hiriburuko estadioa kartzela eta tortura zentro gisa erabili zuten militarrek. 5.000 presotik gora itxi zituzten han. Gaur, Victor Jara estadioa du izana. Irailaren 16an aurkitu zuten musikariaren gorpua, Metropoliko Hilerritik gertu, lugorri batean botata, trenbide baten ondoan, beste lau gorpurekin batera. Ezkutuan lurperatu zuten handik bi egunera. Sententziak jasotzen duenez, «pertsonal militarrak izaera publiko jakin bateko presoak identifikatu zituen, eta gainontzekoengandik banatu, eta, atxiloaldian, bai Victor Jara Martinez nahiz Littre Abraham Quiroga Carvajal atzeman zituzten militarrek». Epaiak azaltzen du «zaintza berezia» ezarri zietela biei, eta «atxiloaldi osoan eraso fisikoak eta hitzezkoak etengabe jasan» zituztela. Epaileek aho batez adierazi dutenez, 1973ko irailaren 13tik 15era bitartean, militarrek galdeketak egin zizkieten Txileko Estadio Nazionaleko presoei, «aurretiko prozedura judizialik edo administratiborik gabe». Preso horien artean ziren Jara eta Quiroga. Gorenaren esanetan, galdeketa horiek ez ziren inon jasota utzi, ezta ustez leporatu zitzaizkien karguen edo nolabaiteko prozesu judizialen berri ere. 44 bala tiro Jararen gorpuzkiak 2009ko ekainean desobiratu zituzten, Txileko justiziaren aginduz, eta omenaldi ofizial eta jendetsu batean eman zitzaien lur berriz, urte bereko abenduan. Omenaldian parte hartu zuen orduko presidente Michelle Bacheletek. Autopsiak erakutsi zuen Jarak 56 hezur haustura zituela, eta 44 bala tiro jaso zituela hil zutenean. Gorrotoaren aztarnak latzak ziren Quirogaren gorpuan ere. 47 hezur haustura eta 23 bala tiro. Jararen hilketa zen Txileko justiziak ixteko zituen auzirik garrantzitsuenetako bat. Jararen «jardun artistikoa, kulturala eta politikoa» zigortu zuten diktadurako militarrek, Gorenak epaian esan duenez. Aldiz, Quirogaren kasuan, Roberto Viaux armadako jeneral zenak espetxean tratu txarra jaso izanaren erantzule egin zuten. Jeneral horrek estatu-kolpe saiakera bat gidatu zuen 1969an. Jarak 40 urte zituen hil zutenetan, eta Quirogak, 33. Bere azken kantu poema preso zegoela idatzi zuen Jarak. Somos cinco mil [Bost mila gara] edo Estadio Chile [Txile Estadioa] izenez ezagutzen da. Kantautore latinoamerikarra El derecho a vivir en paz [Bakean bizitzeko eskubidea] eta Te recuerdo Amanda [Oroitzen zaitut Amanda] abesti ezagunen egile ere bada. Augusto Pinochet jeneralaren diktadura militarrak hamazazpi urte iraun zuen (1973-1990), eta 3.200 opositore baino gehiago hil zituen. Biktimak, orotara, 40.000tik gora izan ziren, eraildakoak, desagerrarazitakoak, torturatuak eta preso politikoak barne.
2023-8-29
https://www.berria.eus/albisteak/232205/semilla-legez-kanpo-utzi-du-behin-behinean-guatemalako-hauteskunde-auzitegi-gorenak.htm
Mundua
Semilla legez kanpo utzi du behin-behinean Guatemalako Hauteskunde Auzitegi Gorenak
Presidentetzarako bozak irabazi eta astebetera heldu da Gorenaren ebazpena. Erabakiaren aurretik, hauteskundeen emaitzak ontzat jo dituzte. Alderdi aurrerakoiak babes errekurtso bat aurkeztuko du, «jazarpen politikoari amaiera emateko».
Semilla legez kanpo utzi du behin-behinean Guatemalako Hauteskunde Auzitegi Gorenak. Presidentetzarako bozak irabazi eta astebetera heldu da Gorenaren ebazpena. Erabakiaren aurretik, hauteskundeen emaitzak ontzat jo dituzte. Alderdi aurrerakoiak babes errekurtso bat aurkeztuko du, «jazarpen politikoari amaiera emateko».
Semilla mugimendua gailendu zen duela astebete Guatemalako presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulian, botoen ia %61 lortuta, eta, atzo, Hauteskunde Auzitegi Gorenak baliozkotzat jo zituen boz horiek. Bide horretan, alderdi aurrerakoi horretako Bernardo Arevalo soziologoari eman zion presidente hautetsiaren kargua, eta Karin Herrera zientzialariari presidenteordearena. Erabakiaren berri eman baino minutu batzuk lehenago, ordea, Erdialdeko Amerikako herrialde horretako Herritarren Erregistroak —Goreneko organo bat da— legez kanpo utzi zuen Semilla mugimendua, behin-behinean, Fredy Orellana epaileak uztailaren 12an emandako agindu judizial bati erantzunez, alderdiak ustez 2017 eta 2018 artean jasotako sinadura faltsuengatik. Ikusi gehiago: Bernardo Arevalo aurrerakoiak irabazi ditu Guatemalako bozak Arratsalde zoroa izan zuten atzo Hauteskunde Auzitegi Goreneko magistratuek —Euskal Herrian goizaldea zela—. Hasieran, hauteskundeei buruzko agerraldi batera deitu zuten, baina, gero, bertan behera utzi eta 19:00ak arte atzeratu zuten; azkenean, 18:00ak aldera egin zuten, eta bigarren itzuliko emaitzak ontzat jo zituztela adierazi zuten, adostutakoa indarrean jartzeraino. Horiek hala, Gorenak Arevalo Guatemalako Errepublikako presidente hautatutzat eman zuten, eta kargu hori datozen lau urtetarako eman zitzaion. Magistratuak prentsaurrekoa ematen ari zirenean heldu zen Semilla behin-behinean legez kanpo uzteko erabakia, Efe berri agentziak baieztatu zuenez. Agerraldi horretan, magistratuek esan zuten ez zeudela ebazpenaren jakinaren gainean. Erabaki horrek, zehazki, hauteskundeetako emaitzak ofizialtzea eragotzi zuen. Arevalok eta Herrerak kritikatu egin dute ebazpena, eta helegitea jarriko dute. «Hemendik aurrera, ezerk ezin du legez eragotzi 2024ko urtarrilaren 14ko kargu hartzea. Garai historikoa da hau», esan zuen Semillako buruak. Era berean, Herrerak adierazi zuen ebazpen hori «guztiz baliogabea» dela zuzenbide estatuan. Ikusi gehiago: Guatemalan aldaketarako aukera dute Horrez gain, Semillak babes errekurtso bat aurkeztu zuen Goreneko bigarren aretoan, Orellana epailea eta Rafael Curruchiche fiskala buru izan dituen «jazarpen politikoari» amaiera emateko. Alderdiaren esanetan, epaitegiak prozesu egokiaren bermeak urratzen dituzten «legez kanpoko ekintzak egin ditu, eta defentsarako eskubidea eta benetako babes judiziala urratu». Bestalde, AEE Amerikako Estatuen Erakundeak gaur salatu duenez, Semilla mugimenduaren kontrako ebazpenak ez du «behar bezala frogatutako oinarririk edo arrazoirik», eta Guatemalako Konstituzioaren printzipioak eta nazioarteko arauak «urratzen» dituela ohartarazi du. AEErentzat, Hauteskunde Auzitegi Gorenaren Herritarren Erregistroak «bertan behera utzi nahi ditu» alderdi politiko horrek dituen eskubideak, «herritarren babes zabala» izan duela aintzat hartuta. Beraz, erakundeak uste du «legearen gehiegizko interpretazioa» izan dela. Prensa Libre Guatemalako egunkariak zenbait adituren adierazpenak jaso ditu, eta, haien eta herrialdeko legearen arabera, Semilla Mugimendua behin-behinean legez kanpo uzteak arazoak sor diezazkieke alderdi horretako diputatuei Kongresura heltzeko. Datozen egunetan, Hauteskunde Auzitegi Gorenak erabaki bat hartu behar du, atzo harturiko ebazpena berresteko eta atzera botatzeko. Joan den uztailaren 12an, Curruchichek eskatu zuen Semilla legez kanpo uzteko, Orellana epailearen eskaerari erantzunez. Fiskaltzak zioen herritarren sinadura bilketan ustezko irregulartasunak izan zirela 2017 eta 2018 bitartean Semillak alderdi gisa izena emateko. Fiskaltzaren arabera, hemezortzi hildakoren izenak ageri ziren alderdiko afiliatuen milaka sinaduren zerrendan; beste 319k, berriz, ez zuten identifikazio agiririk. Ildo horretan, fiskaltzak 24 ordu eman zizkion hauteskunde batzordeari ebazpena betetzeko, eta batzordeak berak baieztatu zuen Arevalo eta UNE Itxaropenaren Nazio Batasuna alderdiko buru Sandra Torres kontserbadorea bozen bigarren itzulian lehiatuko zirela. Halere, egoerak sumindura eragin zuen guatemalarren artean, eta Semillaren aldeko protestak egin zituzten. Ezkerreko olatua handitu egin zen bozen atarian, Arevalo erraz nagusitzeraino. 9,3 milioi herritar zeuden bozkatzera deituta, eta horietatik lau milioi inguruk eman zuten botoa (%45ek). Semillako hautagaiak 2,4 milioi boz lortu zituen; Torresek, 1,5 milioi. Hauteskunde gau hartan, hautagai eskuindarrak ez zituen emaitzak onartu, eta prozesu judizialaren inguruan dituen zalantzak azpimarratu zituen, bai eta Guatemalako fiskaltzak Semillarekin lotutako ustezko irregulartasunak ikertu behar dituela ere; Torresek, ordea, ez du afera horren inguruko froga bakar bat ere plazaratu. Bien bitartean, mugimendu aurrerakoiaren aurka abiatutako ikerketak bere horretan jarraitzen du.
2023-8-29
https://www.berria.eus/albisteak/232206/donostiako-udalak-ez-du-euskararik-eskatuko-bi-zuzendari-postutan.htm
Gizartea
Donostiako Udalak ez du euskararik eskatuko bi zuzendari postutan
LAB sindikatuak salatu du Donostiako Udalak salbuespenezko prozedura bat abiatu duela bi zuzendari izendatzeko. Ez dute udal langileak izan beharko, eta ez dute euskararen ezagutza ziurtatu beharrik izango.
Donostiako Udalak ez du euskararik eskatuko bi zuzendari postutan. LAB sindikatuak salatu du Donostiako Udalak salbuespenezko prozedura bat abiatu duela bi zuzendari izendatzeko. Ez dute udal langileak izan beharko, eta ez dute euskararen ezagutza ziurtatu beharrik izango.
Donostiako Udaleko zuzendari izan nahi duenak udal langilea izan behar du, eta euskara maila jakin bat eduki —hirugarren profila edo C1a, normalean—, besteak beste. Hala ere, hori arautzen duen legeak badu salbuespen bat, eta baliatu egin du Donostiako udal gobernuak. Hain zuzen, udaleko osoko bilkurak «erabaki arrazoitu baten bidez» zehaztu dezake zuzendari postu bat udal langilea ez den pertsona bati ematea; kasu horretan, funtzionarioek bete behar dituzten baldintzak bertan behera geratzen dira, baita hizkuntza eskakizunak ere. LAB sindikatuak salatu du salbuespenezko prozedura hori ireki duela udalak Osasun eta Ingurumen zuzendaria eta Pertsonen Kudeaketarako zuzendaria izendatzeko. «Udal gobernuak ez du bermatzen apetaren arabera izendatuko dituen zuzendari horien euskararen ezagutza», salatu du LABek. Udalak oraindik ez du iragarri zeintzuk izango diren zuzendari horiek, baina, LABek ohartarazi duenez, ez dute euskaraz jakin beharko. «Azken hiru hamarkadetan udal langileen euskalduntzearen esparruan eginiko ahaleginak zapuztuko dira, zuzendari ez-euskaldun batek euskaldundu diren langile guztiak espainolez lan egitera derrigortzen dituelako», nabarmendu du sindikatuak. Ekonomia, Tokiko Enplegu eta Ekologia zinegotzi ordezkariak —PSE-EEko Marisol Garmendiak— eta Pertsonen, Kudeaketa Ekonomikoaren eta Aurrekontuen zinegotzi ordezkariak —EAJko Kerman Orbegozok— egin dituzte ja bi zuzendari horiek salbuespenezko prozeduraren bitartez izendatu ahal izateko justifikazio txostenak, LABek esan duenez. Udaleko osoko bilkurak onartu beharko ditu. Donostiako Udaleko LAB sindikatuko Sail Sindikaleko kide Joseba Alvarezek azaldu du udal langile bat barne sustapenaren bidez zuzendari bihurtzen bada erretiroa hartu arte mantentzen dela postu horretan. Erantsi du, ordea, ez dela gauza bera gertatzen udal langile izan gabe zuzendari bihurtu direnekin; legealdiak irauten duen aldian baino ez dute mantentzen zuzendari postua. Alvarezek azaldu du Osasun eta Ingurumen zuzendaria eta Pertsonen Kudeaketarako zuzendaria erretiroa hartzekoak direla, eta haien postuak betetzeko barne sustapeneko prozesu bat abiatu beharrean —kasu horretan, postuari dagozkion eskakizun guztiak bete beharko lituzkete hautagaiek—, salbuespenezko prozedurari ekin diotela. «Kanpoko norbait sartu daitekeenez gero, kanpotik dakarten norbaitekin lehiatu behar dute udal barruko langileek. Gainera, kanpotik datorrenak ez ditu baldintza horiek bete behar. Barne garapenerako arazo bat da horrela jokatzea, eta, zuzendaria bere postuaren jabe egingo ez denez, ez da egonkortuko zuzendaritza postu hori postu organiko bezala», gaitzetsi du Alvarezek. Hizkuntza eskakizunak Nabarmendu du salbuespenezko prozeduraren bidez hautatutako zuzendariak ez dituela hizkuntza eskakizunak bete behar, eta horrek eragina izan dezakeela haiek zuzentzen dituzten sailetako hizkuntza ohituretan: «Donostiako Udalak 30 urte pasatu ditu langileak euskalduntzen; azkenean, langileak euskaldundu dira; eta, adibidez, Osasun eta Ingurumen Sailean eta Pertsonak Kudeatzekoan langile askok eta askok hirugarren edo laugarren hizkuntza eskakizuna daukate. Bat-batean, haiei gainetik jar diezaiekete haien arduradun zuzena izango den eta euskara ez dakien zuzendari bat. Orduan, automatikoki, hierarkiaren eta barne funtzionamenduaren arabera euskarazko funtzionamendu guztia oztopatu egiten da. Zergatik? Arduradun nagusiak ez daukalako hizkuntza eskakizunik». Gaur egun, Pertsonak Kudeatzeko Sailean, erretiroa hartzear den zuzendariak euskaraz badaki, hirugarren hizkuntza eskakizuna badauka, eta haren menpe dauden langile gehienek ere badaukate, Alvarezek azaldu duenez: «Udaleko betiko langileak dira, euskaldunduz joan direnak. Sailak ez du lan egiten euskara hutsez; hori esatea gehiegi litzateke. Baina ez dute inolako arazorik euskaraz funtzionatzeko». Ingurumen Sailean, berriz, orain arte zegoen zuzendariak ez zekien euskaraz; «ez zuen ezta ulertzen ere», esan du Alvarezek. Saileko langile gehienek euskara menperatzen dutela esan du, baina zuzendariak ez zekienez, lan funtzionamendua erdalduna izan dela orain arte. «Ingurumen Sailean egon den arazo larri bat izan da zuzendariak euskaraz ez jakitea, eta orain, berritzeko aukera dagoenean eta berriari euskara eskatzeko aukera dagoen momentuan, kontrako bidea egin dute», gaitzetsi du Alvarezek.
2023-8-29
https://www.berria.eus/albisteak/232207/azken-txanpan-eta-etxeko-lanak-egiteke.htm
Politika
Azken txanpan eta etxeko lanak egiteke
Hezkuntza Legea eta Memoria historikoaren Legea onartzeko ditu Eusko Legebiltzarrak, eta legegintzaldia azken txanpan sartu da. Urtebete baino gutxiago falta da Eusko Legebiltzarrerako bozetarako, eta hilabete gutxi daude etxeko lan horiek egiteko.
Azken txanpan eta etxeko lanak egiteke. Hezkuntza Legea eta Memoria historikoaren Legea onartzeko ditu Eusko Legebiltzarrak, eta legegintzaldia azken txanpan sartu da. Urtebete baino gutxiago falta da Eusko Legebiltzarrerako bozetarako, eta hilabete gutxi daude etxeko lan horiek egiteko.
Eusko Jaurlaritzaren legealdia azken txanpan sartu da. Iñigo Urkullu lehendakariaren eskuetan dago bozetarako deialdia egitea, baina, beranduenez, 2024ko uztailean izango dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak; hau da, hamar hilabete inguru barru. Pandemiaren aroak erabat baldintzatu du Gasteizko gobernuaren eta legebiltzarraren jarduera politikoa, eta, ohartzerako, hauteskunde aroan sartu dira buru-belarri alderdiak. Lehenik udal eta foru hauteskundeak iritsi ziren, maiatzaren 28an, eta Espainiako Gorteetarako deialdia ondoren, uztailaren 23an. Kontua da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrentzat garrantzitsuak diren zenbait lege onartzeke daudela oraindik, tartean Hezkuntza Legea, Memoria historiko eta demokratikoaren Legea eta Klima aldaketaren Legea. Epeak estutzen hasi dira —urtarrilean ez dago jarduerarik Gasteizko ganberan—, eta hilabete gutxian jarduera politiko bizia egon beharko da Legebiltzarrean lege horiek guztiak onartuko badituzte. Ikusi gehiago: Adostasun zabalik ezean, EH Bildu prest dago Hezkuntza Legea EAJrekin bakarrik onartzeko Gainera, bada Jaurlaritza kezkatzen duen beste aldagai bat egutegiari lotua: Espainiako Gobernuaren osaketa. Pedro Sanchez buru izango lukeen gobernu bat osatuko balitz, Urkulluk izkin egingo lioke arazo gehigarri bati: Espainiako Gorteetarako hauteskundeak berriz egiteari. Lehendakariarentzat ez bailitzateke ez errazena ez egokiena Espainiako Gorteetarako beste deialdi baten ondotik txertatzea legebiltzarrerako bozen 2024ko deialdia; tramitean dauden ekimen legegileak burura eramatea are zailagoa litzateke. Europako Parlamenturako hauteskundeak, berriz, ekainaren 6tik 9rako tartean egingo dira, eta ekainaren 9a hautagai sendoa da, hedabide batzuek kaleratu dutenez, bi hauteskunde deialdiak bateratzeko: Europakoak eta Eusko Legebiltzarrekoak. Horiek horrela, legebiltzarrerako bozen gertutasunak erabaki garrantzitsuak hartzera bultzatuko ditu alderdiak datozen hilabeteetan, hasteko lehendakarigaiak izendatzeko. Alderdi barruan hartuko diren deliberazio oinarrizko horiek ere itzal luzea izan daitezke legebiltzarrean onartu gabe dauden lege horiei begira. Izan ere, datorren urteko hauteskunde kanpainaren kontakizunak egituratzeko oztopo edo akuilu bihurtuko dira lege horiei begira erabakitakoak, eduki garrantzitsuak arautuko baitituzte, Hezkuntza Legetik hasita. Hauteskundeen itzalean Alderdiak tentu handiz aztertzen ari dira egungo aro politikoa, aldaketa sakonak gertatu baitira azken bi hauteskunde deialdietan. EH Bilduk hazkunde handia izan du, eta EAJk milaka boto galdu ditu deialdi horietan. Ziklo politiko berri bati buruz hitz egiten hasi den honetan, jeltzaleek eta koalizio subiranistak nagusitasuna dute jokoan 2024ko bi deialdietan. Ziurgabetasun handiko jokaleku horretan, zuhur jokatu beharko dute alderdiek babesten dituzten eta ez dituzten legeei dagokienez. Handik gutxira boto emaileen epaia iritsiko baita. Batera edo bestera, hamalau lege eta arau daude agendan onartzeke, baina Hezkuntza Legea da hilabete batzuk barru amaituko den legealdiari neurria emango diona, hein handi batean. Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratz baikor azaldu da ertz sakon eta ugariko legearen onarpenari buruz galdetu diotenean, betiere indarrean den legealdiaren barruan kokaturik. Hezkuntza Legearen tramiteak aurreko legealdian abiatu zituzten. Atzerapen eta luzapen ugari izan ditu bidean: 2022an aurkeztu behar zuen gobernuak lege proiektua, eta 2023ko apirilean aurkeztu zuen, maiatzaren 28ko bozen atarian. Izan ere, Jaurlaritzaren alde jeltzaleak arazo garrantzitsuak ditu bere bazkide PSE-EErekin, eduki hori dela eta. Besteak beste, aurrerantzean euskarak hezkuntzan izango duen presentziak kezkatzen du PSE, hizkuntza ereduak alegia. EH Bildu eta EAJ prest azaldu dira, ordea, lege hori aurrera ateratzeko, gizartearentzako eta euskararen geroarentzako funtsezkotzat jotzen baitute. Dena den, ikusteko dago alderdiek gutxieneko adostasuna lortzerik izango ote duten legeak jasotzen dituen eduki horietan, eta Gasteizko ganbera desegin aurretik gehiengo bat osatuko ote den legea onartu dadin. Alderdiek lege proiektuaren inguruan esandakoak aintzat hartuz, aurreikus daiteke osoko zuzenketa batzuk egongo direla legea onartzeko prozesuan, eta tramitazioa are gehiago luza dezake egoera horrek. Horregatik, ezin da baztertu Hezkuntza Legea 2024ko bigarren erdian abiatzekoa den legegintzaldira atzeratzea, Bildarratzen baikortasuna baikortasun. Memoria demokratikoa Zain dagoen beste lege garrantzitsu bat Memoria demokratikoaren Legea da. Haren aurreproiektua aspaldian idatzi dute, eta Gobernu Kontseiluak onartu du jada. EH Bilduk ekarpen handia egin dio lege proiektu horri, eta gobernua osatzen duten bi alderdiekin, EAJrekin eta PSE-EErekin, legea babestuko duela adostuta dauka ekainaz geroztik. Arau horren bidez, giza eskubideen urraketak ikertuko dituzte zientzialariek: 1936tik 1978rako tarte historikoan, 36ko gerran eta frankismo garaian gertatutakoak. Litekeena da hilabete gutxian onartzea, Elkarrekin Podemos ere prest azaldu baita horretarako. Tramitean dauden arauen artean, bada beste lege bat ere azpimarra merezi duena: Klima aldaketaren Legea. Trantsizio ekologikoa arautzeko lege proiektuak maiatzean jaso zuen gobernuaren oniritzia. 2050. urterako neutraltasun klimatikoa lortzea du helburu nagusi, baina oposizioko taldeek ez dute oraindik gizarteratu modu argian lege horren inguruan zein jarrera izango duten. EH Bilduk helarazi du jatorrizko idatzia «labur» geratzen dela, eta uste du «aurrerapauso handiagoa» eman behar duela Gasteizko ganberak.
2023-8-29
https://www.berria.eus/albisteak/232208/zizare-bat-bizirik-topatu-dute-emakume-baten-burmuinean.htm
Bizigiro
Zizare bat bizirik topatu dute emakume baten burmuinean
Gisa horretako kasu bat topatzen den lehen aldia da. Zortzi zentimetro neurtzen zituen animaliak, eta gorrixka zen. Australiako suge baten gorotzetatik kutsatu zen pazientea.
Zizare bat bizirik topatu dute emakume baten burmuinean. Gisa horretako kasu bat topatzen den lehen aldia da. Zortzi zentimetro neurtzen zituen animaliak, eta gorrixka zen. Australiako suge baten gorotzetatik kutsatu zen pazientea.
Australiako zientzialari talde batek zortzi zentimetroko zizare bat bizirik topatu du emakume baten burmuinean. Erregistratu den gisa horretako lehen kasua da. Pazienteari iaz egin zioten ebakuntza, Canberra hiriburuan, eta kaltetuta zuen burmuinaren ataletik atera zioten, aurrealdeko eskuin lobulutik. Orain, ongi indarberritzen ari da. Ezustekoa izan zen. Ebakuntza egin zuen doktoreak egin du aitortza: «Ez, ez zen espero genuena. Guztiok zur eta lur geratu ginen». Pazienteak, 64 urteko emakumeak, sintoma nahasketa arraroa zuen. Tripako mina izaten zuen, gauez izerditan eztulka jarduten zen, eta depresioa eta oroimen arazoak ere bazituen. 2021. urteko urtarrilean ospitaleratu zuten, eta, probak egin ostean, ondorioztatu zuten ezohiko lesio bat zuela burmuinaren aurrealdeko eskuin lobuluan. Dena den, 2022ko ekainean egin zioten biopsiara arte ez zuten jakin zein zen gaitzaren jatorria. Medikuek azaldu dutenez, litekeena da parasitoak bi hilabetez biziraun izana emakumearen burmuinean. Zizarea, emakumearen burmuinetik atera ostean.ANU Zizarea topatu zuen neurozirujauak kontatu du ebakuntzan bizi izan zuena. Kaltetuta zegoen burmuinaren zatia ukitu bezain pronto nabaritu zuen zizarea. «Matxardak hartu, eta atera egin nuen. Pentsatu nuen: baina zer kristo da hau? Mugitzen ari da!». Bertan zeuden mediku guztiak shock egoeran geratu ziren, parasitoak mugitzen jarraitzen zuen bitartean. Inork ez zuen espero burmuinean egongo zen arazoa zizare bat izango zenik. Kolore gorrikoa zen, eta zortzi zentimetro neurtzen zituen. Sugeen gorotzetatik Emakumeari topatu dioten zizarea (Ophidascaris robertsi) ohikoa da diamante pitoietan, Australiaren luze-zabalean aurki daitekeen suge batean. Usteen arabera, suge horietako batek gorotzetan kanporatutako zizare batekin kutsatu zen pazientea. Kozinatzeko erabili zituen laku batean bildutako sastraka batzuk, eta haiek sugeen gorotzekin kutsatuta egon zitezkeela diote adituek. Osasungintzaren ikuspegitik, medikuek esan dute kasuak erakusten duela geroz eta ohikoagoa dela animalien infekzioak gizakiei kutsatzea.
2023-8-29
https://www.berria.eus/albisteak/232209/traktoreekin-blokeatu-dute-baionako-errepidea-olharen-salmenta-salatzeko.htm
Gizartea
Traktoreekin blokeatu dute Baionako errepidea, Olharen salmenta salatzeko
Bukatu da Senpereko (Lapurdi) Olha etxaldearen salmenta espekulatiboa salatzeko abiatu zen okupazioa. Baionako eta Donibane-Lohizuneko (Lapurdi) errepideak blokeatu dituzte, protestan.
Traktoreekin blokeatu dute Baionako errepidea, Olharen salmenta salatzeko. Bukatu da Senpereko (Lapurdi) Olha etxaldearen salmenta espekulatiboa salatzeko abiatu zen okupazioa. Baionako eta Donibane-Lohizuneko (Lapurdi) errepideak blokeatu dituzte, protestan.
Baionako bideetan auto ilarak erraz sortu ohi dira, batez ere Leroy Merlin saltokiko biribilgunean. Ilara horiek, fenomeno baten isla dira: hirian barna, eta harago ere, geroz eta eraikin gehiago sortzen ari dira, geroz eta jende gehiagori harrera egin ahal izateko; alta, horren parean, gazteek eta beste anitzek ezin dute etxebizitzarik atzeman, karioegia baitzaie. Hori ez ezik, laborantza lurrekin ere arazoak sortzen dira, salmenta espekulatiboen harira haien laborantza funtzioa, hain zuzen ere, galtzen baitute usu. Bertako elkarte eta kolektiboak erantzunak atzematen saiatzen dira, auto ilara oraindik gehiago sortuz, batzuetan, jendeen atentzioa pizteko. Gaur, adibidez, hitzordua 10:00etan emana zuten Baionan eta Donibane-Lohizunen, Senpertarren kolektiboak, ELBk, Lurzaindiak eta Ostia kolektiboak. Senpereko (Lapurdi) Olha etxaldearen okupazioaren bultzatzaileak izan dira lau talde horiek: joan den ekainaren 27tik geroz, gaur arte, bi hilabetez, Senpereko etxe bat okupatu dute, Ipar Euskal Herriko biztanleen laguntzaz eta sostenguz. Jabearekin eta eroslearekin abiatu zituzten elkarrizketak ezerezean gelditu ondotik, jabeek 1,3 milioi euroko prezioa iragarri zuten salmentarako. Gaur, okupazioaren bukaera iragarri dute, salmenta gauzatu dela eta. Egoera desblokeatzeko, bideak blokeatu Banderolak beso azpian, Baionako Leroy Merlin biribilgunean bildu dira ehun bat militante, eta mezuak zabaldu dituzte: «Egiazko laborantza herrikoi baten alde», irakurtzen ahal zen; edo, «Espekulazioa, Euskal Herriko minbizia». Aldarriz jantzirik, errepideraino hurbildu dira; baina, ekintza abiatu dutenerako, jadanik autorik ez zen gehiago. Erraterako, hamarnaka jendarmeria furgoneta, ehunaka polizia eta Errepublikako Segurtasun Konpainia (CRS) andana bat agertu dira goiz-goizetik, autobide irteera eta bideak blokeatuz, militanteak aitzin. Hala, biribilgunea hutsik geratu da, alde batetik zein bestetik, ondoko biribilgunea arte, 300 bat metrora. Hala ere, ekintzak bere efektua izan du, zeren Baionako biribilgune nagusienetarikoa da Leroy Merlinekoa, eta jende anitzi bidea kaltetu diete. Gainera, militanteak alde batetik zein bestetik autoetara hurbildu dira esku orriak banatzeko eta auto gidariek banderak ikus zitzaten. Ekintza hasi eta 40 bat minutura, hogei bat traktore iritsi dira, azkenean; Poliziak geldiarazi ditu metro batzuk lehenago, protesta oztopatuz. Hala ere, heldu dira, beste militanteen txalo artean. Eta hasi dira oihuka: «Lurrak, laborarientzat! Euskal Herria, ez da salgai!». Ordura arte aldarrien zain izan balitz bezala, Poliziaren helikopteroa abiatu da momentu horretan, oihuak tapatuz. Dena dela, ekintzak aitzina jarraitu du, eta ordu bat iragan ondoren, Dominika Ameztoi Lurzaindiako buruak eta Filipe Laskarai militanteak hitza hartu dute. Azkenak zehaztu du gero: «Hala ere, borrokak segitzen du. Politikoak, hautetsiak deitu ditugu, haien ardurak har ditzaten, zeren eta badute haien rola betetzeko borroka horretan. Halako aferetan beti parean aurkituko gaituzte!». Gazteagoentzat ere espekulazioaren eta laborantza lurren «ebasketak» oso kezkagarriak dira. Annabelle Meyer ELB Gaztekoa da, eta laborari gisa instalatzen ari da. «Jin naiz traktorearekin, laborari lankideekin manifestatzera, eta erakustera ez garela ados gertatzen ari denarekin. Enetzat problematikari lekua egiten diogu kalean ere, gure aldarriak entzunaraziz».
2023-8-29
https://www.berria.eus/albisteak/232210/londresek-ebko-elikagaientzako-mugako-kontrolak-atzeratu-ditu.htm
Ekonomia
Londresek EBko elikagaientzako mugako kontrolak atzeratu ditu
Inflazio handiari aurre egiteko hartu du neurria. 2024ko urtarrilean sartuko da indarrean, eta ez urriaren 31n, aurreikusita zegoen bezala
Londresek EBko elikagaientzako mugako kontrolak atzeratu ditu. Inflazio handiari aurre egiteko hartu du neurria. 2024ko urtarrilean sartuko da indarrean, eta ez urriaren 31n, aurreikusita zegoen bezala
Erresuma Batuak berriz atzeratu du Europako Batasunetik esportatutako elikagaientzako mugako kontrolak ezartzea. Horren bidez, enpresei «aldaketarako prestatzeko denbora gehiago» eman nahi die, eta, batez ere, herrialdeko inflazio handiari aurre egin nahi dio. Kontrolak urtarrilean hasiko dira, eta ez urriaren 31n, aurreikusita zegoen bezala. Erresuma Batuak 2021eko urtarrilean utzi zuen merkatu komuna, eta bost aldiz atzeratu du elikagaientzako aduanak jartzea. Aitzitik, Bruselak berehala jarri zituen aduanak Erresuma Batutik EBra garraiatzen diren salgaientzat. Londresek uste du kontrolekin lotutako tramite burokratikoek jakien prezioak garestitu ditzaketela, EBtik datozen produktuen eskaintza murriztuko delako. Brexit-aren lehen hilabeteetan eta pandemia garaian, hornidura arazoak egon ziren Erresuma Batuan; gaur egun ez dago halakorik, baina elikagaiak asko garestitu dira. Iazko udazkenean eta aurtengo neguan %10-11 artean kokatu zen inflazioa. Azkenengo hilabeteetan, behera egin du —%6,8ra uztailean—, baina, hala ere, gobernua kezkatuta dago oraindik ere, eta mugako kontrolak atzeratzea erabaki du. Dena den, enpresak kexu dira atzerapenek desabantailan jarri dituztelako herrialdeko ekoizleak EBkoen aldean. Gobernuaren datuen arabera, Erresuma Batutik Europarako elikagaien esportazioak %50 murriztu dira. «Uste dut kontrolek onura handiak ekarriko dizkiotela Erresuma Batuko ekonomiari eta merkataritzari. Trantsizio honetan, gobernua prest egongo da enpresak laguntzeko», adierazi du Lucy Neville-Rolfe Kabinete ministroak. Gobernuaren planen arabera, EBtik Erresuma Batura esportatutako arrisku ertaineko elikagaiek —haragia, esnekiak eta arraina— eta arrisku handikoek aduanako kontrolak pasatu beharko dituzte urtarriletik aurrera, eta Erresuma Batuko osasun baldintzak bete beharko dituzte. Apiriletik aurrera kontrol gehiago ezarriko dituela iragarri du, eta horiek EBko inportazio guztietara zabalduko direla 2024ko urrian. Otsailean, Rishi Sunak lehen ministroak eta Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak Ipar Irlandari buruzko akordioa itxi zuten. Brexit-a ezartzeko azken oztopo nagusia bihurtu zen, eta Londresen eta Bruselaren arteko tentsio iturri bihurtu. Ipar Irlanda EBren aduana batasunean geratu denez —Stormonteko akordioa errespetatzeko—, auzia zen nola bateratu hori Erresuma Batuaren batasunarekin. Azkenean, bi bideko sistema bat adostu dute: berdea, Ipar Irlandan geratuko diren produktuentzat, eta gorria, Irlandako Errepublikara bidaliko dituztenentzat. Hau da, Bide Berdetik pasatuko direnek ez dute kontrolik pasatu beharko, eta Bide Gorritik pasatuko direnek, bai.
2023-8-29
https://www.berria.eus/albisteak/232211/espainiako-futbol-federazioak-soldata-kendu-dio-rubialesi.htm
Kirola
Espainiako Futbol Federazioak soldata kendu dio Rubialesi
Atzoko bileran, federazioko lurralde ordezkariek Rubialesen dimisioa eskatu zuten.
Espainiako Futbol Federazioak soldata kendu dio Rubialesi. Atzoko bileran, federazioko lurralde ordezkariek Rubialesen dimisioa eskatu zuten.
Dimisioa eman ez duen arren, Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioko presidenteak ez du Espainiako Federazioaren eta UEFAren soldatarik jasoko hurrengo 90 egunetan. FIFAk joan den astean inhabilitatu zuen Rubiales, hiru hilabetez, Munduko Kopako finalean Jennifer Hermoso Espainiako selekzioko jokalariari baimenik gabeko musu bat emanez eraso egiteagatik. Agindu hori jarraituz, Espainiako Federazioko lurralde ordezkariek atzo egin zuten bileran ebatzi zuten soldatarik eta auto ofizialik gabe uztea Rubiales, eta lanerako dituen sakelako telefonoa eta ordenagailua itzultzeko eskatzea. Erabaki horren ondorioz, Espainiako Federazioan eta UEFAn soldata jasotzeari utzita, hiru hilabetean 230.000 eurotik gora kobratu gabe geratuko da. Sei orduko bilera izan zen Espainiako Federazioak atzo egin zuena. Amaieran jakinarazi zuenez, lurralde ordezkariek dimisioa emateko eskatu zioten Rubialesi, eta babesa eman zioten FIFAren inhabiliazioaren ostean federazioaren lema hartu duenari: Pedro Rochari. Espainiako Federazioak, ordea, ez zuen kargutik kendu Jorge Vilda Espainiako hautatzailea. Joan den astean, selekzioko jokalariek uko egin zioten jokatzeari Vilda entrenatzaile karguan den bitartean. Ondoren, Manu Diaz de Marcos Gipuzkoako Federazioko ordezkariak Ser irrati katean esan zuen ez dagokiela eurei Vildaren eta Luis de la Fuente gizonezkoen selekzioko hautatzeilaren inguruan erabaki bat hartzea.
2023-8-29
https://www.berria.eus/albisteak/232212/interes-tasa-altuen-ondorioz-128-murriztu-da-etxeen-salmenta-bigarren-hiruhilekoan.htm
Ekonomia
Interes tasa altuen ondorioz %12,8 murriztu da etxeen salmenta bigarren hiruhilekoan
Urteko lehen hiruhilekoan baino 994 etxe gutxiago saldu dira apirila eta ekaina bitartean Hego Euskal Herrian
Interes tasa altuen ondorioz %12,8 murriztu da etxeen salmenta bigarren hiruhilekoan. Urteko lehen hiruhilekoan baino 994 etxe gutxiago saldu dira apirila eta ekaina bitartean Hego Euskal Herrian
Europako Banku Zentrala hilabetez hilabete egiten ari den interes tasen igoera nabarmen eragiten ari da higiezinen merkatuan. Hipoteka bat kontratatzea inoiz baino garestiagoa da, eta zeharo moteldu da etxebizitzen salerosketa. 6.741 etxe saldu dira Hego Euskal Herrian apiriletik ekainera, urtarriletik martxora baino 994 gutxiago (7.735): %12,8ko jaitsiera da hori. Espainiako Jabetzaren Erregistratzaileen datuak dira. Iazko datuekin alderatuta, nabarmen ikusten da interes tasen igoerek zenbateko eragina izan duten. 2022ko lehen hiruhilekoan 8.224 etxebizitza saldu ziren, eta bigarrenean, berriz, 7.928. Apiriletik ekainera bitartean saldutako etxeetatik 1.354 berriak ziren, eta 5.387, berriz, bigarren eskukoak. Nabarmentzekoa da Nafarroan etxebizitza berrien salmentek zenbateko pisua izan duten; izan ere, Hego Euskal Herrian salmenten %20 izan dira etxe berriak, eta Nafarroan, berriz, %40,5. Metro koadro bakoitzaren prezioa ere asko garestitu da joan den urtetik hona. Gipuzkoa da oraindik ere metro karratua garestiena den lurraldea: 3.423 euro metro koadroko. Iazko epe berean, 3.208 eurokoa zen prezioa. Bizkaia da bigarren zerrendan. Iazko bigarren hiruhilekoan, metro koadro bakoitzak 2.746 euro balio zuen batez beste, eta aurten, berriz, 2.815. Araban 1.964 eurotik 2.220 eurora garestitu da metro koadroaren prezioa urtebetean, eta Nafarroan, berriz, 1.773 eurotik 2.280 eurora.
2023-8-31
https://www.berria.eus/albisteak/232213/zubi-saihetsezina.htm
Bizigiro
Zubi saihetsezina
Bizkaiko golkoa eta goi lautada lotzen dituen bidearen parte da Balmaseda, eta, hala, hango Zubi Zaharra nahitaez igaro beharreko puntua izan da luzaroan, bai bidaiarientzat, baita merkatarientzat ere.
Zubi saihetsezina. Bizkaiko golkoa eta goi lautada lotzen dituen bidearen parte da Balmaseda, eta, hala, hango Zubi Zaharra nahitaez igaro beharreko puntua izan da luzaroan, bai bidaiarientzat, baita merkatarientzat ere.
Estiloen uztarketa bat da, Cadagua ibaiaren gainean betikotua: garai ezberdinetako fruituak baitira Balmasedako (Bizkaia) Zubi Zaharraren pilareak, silueta berezi egiten duen arku zentral garaia, alboetako bi txikiagoak, eta dorretxoa. Ez da ezaguna noiz sortu zen, baina, hain justu, heterogeneotasuna da egituraren kronologia argitzeko heldulekurik aproposena. Errepaso azkar bat egin du Igor Santos Salazar Trentoko Unibertsitateko (Italia) Erdi Aroaren inguruko ikerlari eta Balmaseda medieval liburuaren egileak (Erdi Aroko Balmaseda; Sans Soleil, 2021). Lehenik eta behin, ibaian bermatutako pilareei erreparatu die: ikerlariaren ustez, Balmasedaren beraren sorreraren garaikoak dira, seguruenik; alegia, XIII. mende hasierakoak, gutxi-asko. Hala ondorioztatu liteke harlanduetan ageri diren marketatik, azaldu duenez: «Harginak egindakoak dira, adierazteko zeintzuk ziren bere harriak, ordain ziezazkioten. Menako haranean [Espainia] dauden eliza erromanikoetan ere ageri dira halako markak». Denboran egindako bidaia bat da zubia, nolabait; etapaz etapa garatutakoa. «Espazio bakoitzari kronologia bat dagokio», Santosen esanetan: erromanikoak dira zubi branka eta alboetako arkuak; geroagokoa da, ordea, erdiko arkua, XV. mende bukaerakoa edo XVI. hasierakoa; eta litekeena da dorre gotikoa XV. mendeko erdialdekoa izatea, «forma eta testuinguru arkitektonikoari erreparatuta». Areago, XVII. mendeko arrastoak ere baditu, Espainiako monarkiaren armarriarenak, zehazki: pintura ia erabat ezabatu bada ere, zubitik igarotzerakoan oraindik antzeman litezke arrano inperialaren hegoen puntak, ikerlariaren arabera. Balmasedako Zubi Zaharra bi arku txikik eta garaiago batek osatzen dute. Jaizki Fontaneda, Foku Behaketan oinarritzen da kronologia, halabeharrez, ez baitago datak ziurtatzeko frogarik, eta agiriak ez baitira behar bezain zorrotzak. Bohemiako Leon Rosmithalen idazki bat aipatu du ikerlariak, 1466. urtekoa, baina bitxikeria gisara batik bat. Iturri literarioa baita Rosmithalena, bidaiari baten kronika besterik ez, beharbada idazlearen irudimenak oparoegi hornitua, eta, hortaz, tentuz hartu beharrekoa, Santosen irudiko. Dena dela, lekukotzak datu esanguratsu batzuk eskaintzen ditu hipotesietarako. «Esaten du, adibidez, Bilbo eta Balmasedaren artean Cadagua ibaia hamazazpi aldiz gurutzatu behar izan zuela; horrek aditzera ematen du zein nekeza zen leku horietatik mugitzea garai hartan». Zubiaz ere mintzo da, halaber, eta «interesgarria» da haren aipamena, mugarriak ezartzen lagun baitezake: egurrezko zubi bat aipatzen du, aldeetako batean dorre «eder» bat daukana. «Beraz, dorre gotikoa 1466a baino lehenago eraikia izan daiteke, eta erdiko arkua geroagokoa litzateke, artean egurrezkoa baitzen», nabarmendu duenez. Ekonomiaren giltzarria Alabaina, Rosmithal arinki ari da zubiaren formaz: elementu pare horiek aipatu baino ez ditu egiten, eta ez du bestelako xehetasunik ematen. Gehiago sakontzen du, ordea, zubian izan zuen ezustean. Dorrean, zubisaria kobratzen zieten igarotzen zirenei, eta Rosmithali eta haren segizioari ere ordaintzeko exijitu zieten. Ezezkoa eman zien hark, noblea zenez salbuetsita baitzegoen, eta, kronikan aipatzen denez, ekarpenik egin gabe igaro baitzen aurretik topatutako bidesarietatik. Euren jabetzak bahitu zizkieten, eta mehatxatu egin zituzten; idazkiaren arabera, gutxi falta izan zen sarraskirako. Ostera ere, baliteke bidaiariaren irudimenak jazoera hanpatu izana; epikari muzin egin, eta zubisariari heldu dio Santosek. Garai hartan, Balmasedak ez zuen aduana gisa funtzionatzen —bai geroago, XVII. eta XVIII. mendeetan—, baina zubia erabiltzen zuten igarobide zerga bat biltzeko. Ikerlariaren ustez, ibaian bermatutako pilareak Balmasedaren beraren sorreraren garaikoak dira, seguruenik; alegia, XIII. mende hasierakoak, gutxi-asko. Jaizki Fontaneda, FOKU Balmaseda saihetsezina zen goi lautadaren eta Bizkaiko golkoaren arteko bidean, nahitaez gurutzatu beharreko puntua, harik eta trenbidea sortu eta kaminoak ugaritu ziren arte. Erromaren garaian, jada bide batek gurutzatzen zuen ibaia, eta, ikerlariaren arabera, baliteke aurretik ere egon izana lotuta ibaiaren bi ertzak, tokiaren garrantzia aintzat hartuta. «Besteak beste, horregatik sortu zen Balmaseda hiribildu gisa: hainbat bideren arteko funtsezko lotura zelako. Eta, beraz, oinarrizko igarobidea zen merkatarientzat». Kantauriko portuetatik —batez ere Castrotik (Espainia), Bilbotik eta Portugaletetik (Bizkaia)— sartzen ziren produktuetako asko pasatzen ziren herritik: «Esaterako, dokumentatuta dago Muskiz aldean ustiatzen zen burdina asko eta oso ondo saltzen zela Balmasedan eta Gaztela iparraldean», ikerlariak azpimarratu duenez; eta Gaztelako artilea ere bide beretik porturatzen zen. Trafiko zergaz gain, hiribildua gurutzatzen zuten produktuengatik ere beste ekarpen bat egin beharra zuten garraiolariek: itsasoko hamarrena. «Ez dakigu noiz, ez non, baina badakigu ordaintzen zela». XV. mende bukaeran jada ezarrita zegoen, 1447. urteko koaderno batean hitz egiten baita hartaz; koroak Velasco nobleen familiari eman zion Balmasedakoa jasotzeko eskumena. besteak beste. Agiri hartan, orobat, hiribildua gurutzatzen zuten produktuen zerrenda luze bat ageri da. «Mundua da kasik, bere objektuetan. Erregimen Zaharrean bizitzeko erabiltzen zen ia dena erregistratuta dago». Askotarikoak dira ondasunak, oinarrizkoak eta bitxiagoak, hala egunerokoak nola ezohikoagoak. Besteak beste, Balmasedako zubitik igaro ziren betaurrekoak, kapelak, oihalak, mihise zati handiak, untzeak, papera, tinta, lumak, orratzak, ispiluak, bitxiak, gutunak, espeziak, armadurak, metraila, aizkorak, ezpatak... «Hori izan zen Balmasedaren aberastasuna Erdi Aroan eta Aro Modernoaren zati handi batean». Gazte batzuk, zubian. Luis Jauregialtzo, Foku Hala zaindu zuten. Zubia kaltetzen zenean —uholdeen ondorioz, kasurako—, koroak zerga berriak ezartzen zituen berehala egitura konpondu ahal izateko, zubia ezinbestekoa baitzen bai defentsarako, bai pertsonen eta ondasunen mugikortasunerako, baina, batez ere, dirua biltzeko. 1476an, uriola batek kalteak eragin zituen Zubi Zaharrean eta Kolitza ibaiaren gaineko beste bi txikietan, eta hurrengo urterako jada abian zen aparteko diru bilketa bat, egiturok konpontzeko. Hipotesia bota du Santosek: Rosmithalen testigantza egiazkoa bada, eta 1466an egurrezkoa bazen zubiaren egituraren zati bat, litekeena da uholde horien ondorioz eraiki izana erdiko arkua, mardula nahita, urak ostera ere suntsitu ez zezan. Komunitatearen erdian Zubiak zeresan handia izan zuen Balmasedaren indar ekonomikoan, baina ondasun ukiezinen sarbidea ere izan zen: albisteak helarazteko tokia, luzaroan. «Telegraforik, telefonorik eta Internetik gabeko mundu batean, pregoilariak joaten ziren jazotakoak herriz herri oihukatzera, baina komunikatzeko beste modu batzuk ere bazeuden: orrien kopiak hartzen zituzten, eta hainbat tokitan iltzatzen zituzten; besteak beste, zubiaren atean». Hala, jende mordo batek ikus zezakeen orria, etengabekoa baitzen joan-etorria. «Halako tokiak garrantzitsuak dira komunitatearentzat, politikaren, defentsaren eta hartu-emanen erdigunean baitaude», ikerlariaren irudiko. XVIII. mendetik aurrera jaitsi zen aparra. «XIX. mendearen hasieran, Napoleonen tropek hiribildua erre zuten, eta gertakari hori erabakigarria izan zen. Hortik aurrera, krisialdi oso gogor bat egon zen, eta Balmaseda ez zen suspertu trenbidea heldu zen arte». Oparotasuna, gainbehera eta berrasmatzea: denboran egindako bidaia bat da zubia, etapaz etapa. XV. mendearen bigarren erdialdea da, eta, ikuspegi panoramiko bati esker, argi antzeman daiteke Balmasedaren (Bizkaia) lekurik garaienean dagoen gaztelua, baita haren magaleko lursailak eta etxeak ere; horiek denak inguratzen ditu harresi mardul batek, eta sarreretako baten aurrean dago kokatuta Zubi Zaharra, dorretxe eta guzti. Balmasedako Udalak eta Alboan zerbitzu turistikoen enpresak garatutako Balmaseda 1487 proiektuaren irudietako bat da (webgunean ikus daitezke guztiak), dokumentazioan bermatu eta errealitate birtualari esker taxututako paisaia bat, eta atzera begirakoak erraztu egiten du zubiaren garrantzi historikoa antzematea: izan ere, hiribilduaren harresiaren parte izan zen zubia; hau da, mugikortasunerako eta zergak biltzeko ez ezik, funtsezkoa izan zen defentsarako ere. XV. mendeko hiribildua, Balmaseda 1487 proiektuaren bidez. Balmaseda1487.com webgunean ikus daiteke. balmaseda 1487. balmaseda1487.com Garai hartan, zubi bakarra zegoen Cadagua ibaia gurutzatu eta Balmasedara ailegatzeko, eta hala izan zen XVII. mendera arte; bi ibi daude dokumentatuta, eta haietatik ere igaro zitekeen ibaiaren emaria gutxitzen zenean. «Erregeak eta nobleak askotan ahalegindu ziren Balmaseda hartzen, eta hiribildua defendatu egiten zen, atea itxiz. Gontzen arrastoak daude oraindik», Igor Santos Salazar Trentoko Unibertsitateko (Italia) ikerlariak azaldu duenez. Itxura kontua ere bada, haren berbei erreparatuta: batetik, harresiak eta zubiak gotorlekuaren eitea eman ziotelako herriari; eta, bestetik, iradokitzen zutelako estatus jakin bat, lehen begi kolpean. «Harresia eta zubia funtsezkoak dira; horiek ikuste hutsarekin, antzematen da hiribildu baten aurrean gaudela, eta ez herrixka baten aurrean. Adierazten du leku diferente bat dela, toki pribilegiatu bat, foruak dituelako». Bihar: Garesko zubia.
2023-8-30
https://www.berria.eus/albisteak/232234/graxi-etxebehere-bakegile-eta-militante-abertzalea-hil-da.htm
Politika
Graxi Etxebehere 'bakegile' eta militante abertzalea hil da
72 urte zituela hil da, minbiziak jota. Bakearekin engaiatu zen, eta Luhusoko desarmatze prozesuan lagundu zuen. Omenaldi zibila Ortzaizeko (Nafarroa Beherea) elizan eginen diote, ortziralean, 18:00etan. → Atsekabea eragin du Etxebehereren heriotzak
Graxi Etxebehere 'bakegile' eta militante abertzalea hil da. 72 urte zituela hil da, minbiziak jota. Bakearekin engaiatu zen, eta Luhusoko desarmatze prozesuan lagundu zuen. Omenaldi zibila Ortzaizeko (Nafarroa Beherea) elizan eginen diote, ortziralean, 18:00etan. → Atsekabea eragin du Etxebehereren heriotzak
Graxi Etxebehere bakegile eta militante abertzalea bart gauean zendu da, 72 urte zituela, minbiziak jota. Ortzaizeko Ibarnia etxean jaio zen (Nafarroa Beherea), eta bake prozesuan engaiatua zen: «Desarmatu nahia lagundu dut», adierazi zion BERRIAri, 2015eko uztailaren 10ean, Terexa Lekunberri, Jeff Mateo, Iñaki Reta eta Xabier Goienetxea atxilotu eta egun batzuetara. 2011 eta 2013 artean, Osloko elkarrizketetan Espainiako Gobernua agertu ez, eta ETAk bere kabuz desarmatze prozesua hasi zuen nazioarteko eragileekin harremanean. Etxebeherek, Lekunberrik eta Mateok bezalaxe, prozesu horren laguntzan parte hartu zuen, historiari «harri ttipia» ekarri ziola erranik, bere etxeko ateak ireki baitzizkien Reta eta Goienetxea ustezko bi etakideei: «Pentsatzen badute ETA laguntzea ETAkoa izatea dela, kaka dela haientzat, pentsa dezatela nahi dutena», aitortu zuen Irulegiko Irratiko Ahapetik saioan, joan den urtean. Ikusi gehiago: Enekoitz Esnaola: 'Tekla jotzea' Estatuaren partetik ere «mendeku nahia» nabaritu zuen 2015eko uztaileko atxiloketetan: «Segur nintzen ez nindutela preso eraman etxean nituen bi mutikoengatik, baizik eta ni naizenagatik». «Desarmatzea laguntzetik pasatu behar da prozesura», aitortu zion BERRIAri 2015ean, eta 2016ko abenduko Luhusoko desarmatze prozesuko herritar engaiatua zen Etxebehere. Etxebehere, 2015eko uztailaren 12an, aske geratu ostean. Isabelle Miquelestorena Etxean zituen iheslariekin harreman «aberatsa» nabarmendu zuen, bestalde: «Etxean norbait gordea delarik, ez da gezurrik: zu zaren bezalakoa agertzen zara», aitortu zuen irratian. Altruista izanik, argi eta garbi onartu zuen ezen bakearen alde lan eginik ere presondegian pasatu zituen urteek «esperientzia handia» eman ziotela. Ikusi gehiago: Ahomentan, Graxi Etxebehere eta Beatrice Molle: ATEAK IREKIAK IKUSTEN DITUZTE 1992an atxilotua izan zen, ETAko ustezko kide batzuk aterpetzeagatik. Laguntzeko beti prest izanik, «ahal nuen heinean, zerbitzu bat galdegitean, entseatzen nintzen betetzen». Herritar talde batek bake prozesua eramatearen helburua beterik, Etxebeherek bere herriarentzat ere, Ortzaizerentzat, hainbat borroka eraman zituen. Izan ere, Ahapetik saioaren bidez, aitortu zuen auzitan jarri zuela Ortzaizeko diozesa, herrian bertan gelditzen ziren etxe eta azpiegiturak, berez herriarentzat emanak zirenak elizbarrutiak sorturiko elkarteengandik hartuak zirela salatuz. Auzia irabazi, eta borroka judizialaz akitua zen: «Kostatu zait osasunaren aldetik ere hau lortzea; ez nuen onartzen ahal Ortzaizek galduko zuen etxe bat ikustea Elizaren eskuetan». Akituezina zen Etxebehere bere borroketan: «Deabruaren aztaparretatik kendu ditugu ontasun batzuk, eta orain ikusiko da». Nahiz eta testuingurua aldatu den, berriki arte eramaniko borrokez aritu izan da, esperantzaz beterik: «Euskal Herriarengan badut fedea, jakinen du bere bidea egiten». Militante abertzaleari omenaldi zibila eginen diote ortziralean, Ortzaizeko (Nafarroa-Beherea) elizan, 18:00etan. Etxebehere, Terexa Lekunberrirekin eta Jeff Mateorekin batera egindako elkarrizketa batean, 2018. urtean. Isabelle Miquelestorena
2023-8-30
https://www.berria.eus/albisteak/232235/macronek-laquoekinbide-politiko-zabal-batekinraquo-lortu-nahi-du-agintaldiko-egonkortasuna.htm
Mundua
Macronek «ekinbide politiko zabal batekin» lortu nahi du agintaldiko egonkortasuna
Frantziako presidentea alderdien ordezkariekin bilduko da gaur, Asanbleako blokeoa gainditzeko helburuz. NUPESek «ilusiorik gabe» parte hartuko du, eta erretreten inguruko galdeketa bat egiteko eskatuko du.
Macronek «ekinbide politiko zabal batekin» lortu nahi du agintaldiko egonkortasuna. Frantziako presidentea alderdien ordezkariekin bilduko da gaur, Asanbleako blokeoa gainditzeko helburuz. NUPESek «ilusiorik gabe» parte hartuko du, eta erretreten inguruko galdeketa bat egiteko eskatuko du.
Frantziako Asanblean gehiengo osoaren faltan, Emmanuel Macronen bigarren agintaldiko lehen urtea gatazkatsua izan da politikoki. Horren erakusle izan da, esaterako, erretreten erreforma, eta neurri hori onartzeko modua, indarrez onartu baitzuten, konstituzioaren 49.3 artikulua erabilita; baita Nahel Merzouk gaztearen hilketa eta horrek eragindako eztabaidak ere, Poliziaren indarkeriari eta arrazismoari buruzkoak. Frantziako presidenteak, ordea, atzean utzi nahi du hori, eta mahai gainean dituen beste afera batzuetan jarri arreta. Eta, jakitun dagoenez horiek onartzeko ezinbestekoa duela oposizioarekin negoziatzea, Macronek «ekinbide politiko zabal batekin» lortu nahi du lehen urtean izan ez duen egonkortasuna. Talde parlamentario guztiak gonbidatu ditu horretarako —LIOT Askatasunak, Independenteak, Itsasoz Haraindikoak eta Lurraldeak izan ezik—, gaurko deitu duen bilera batera. «Eskua luzatua» du Frantziako presidenteak, besteak beste migrazioari buruzko lege proiektua eta datorren urteko aurrekontuak onarrarazteko; ezustekorik ezean, horiek izango baitira gobernuak urte amaiera arte lehenetsi nahi dituen gaiak. «Adostasun eta desadostasun sendoak dituzue. Baina, herrialdearen interes gorena jokoan dagoenean, konfiantza dut, frantziar askok bezala, bat etortzeko gure gaitasunean, aldaketarik eta uko egiterik gabe», idatzi du Macronek oposizioko alderdiei bidalitako mezuan. Edonola ere, Frantziako estatuburuak harago joan nahi du, eta zenbait afera zerrendatu ditu gaurko bilkurarako: «ekintza publikoaren eraginkortasuna», «nazioaren kohesioa», eta «nazioarteko egoera eta horrek Frantziarentzat dituen ondorioak». Oposizioko alderdiek bilkuran parte hartuko dute, baina egunotan agerian geratu da gutxi espero dutela bilera horretatik; halere, aukera baliatu dute beren aldarrikapenak eta eskariak zeintzuk izango diren jakinarazteko. Horiek kontuan harturik, Frantziako presidenteak zailena izango du NUPES Herri Batasun Ekologista eta Sozial Berria ezkertiarra osatzen duten alderdiekin ados jartzea: koalizio hori osatzen duten lau indar nagusiek —LFI Frantzia Intsumisoa, PS Alderdi Sozialista, EELV Europa Ekologia-Berdeak eta PCF Frantziako Alderdi Komunista— komunikatu bateratu bat argitaratu zuten atzo, eta esan zuten «ilusiorik gabe» parte hartuko dutela gaurko bileran —ez dira horren osteko afarian izango—. NUPESekoak hainbat afera sozioekonomikori buruz arituko dira —erosteko ahalmena eta inflazioa, adibidez—, eta Macroni eskatuko diote erretreten erreformaz galdeketa bat egiteko, argudiatuta hori dela herritarrek «espero duten erreferendum proiektu bakarra». Adierazpen horrek erreferentzia egiten dio Frantziako presidentearen aukeretako bati, oposizioko alderdiei bidalitako mezuan atea ireki baitzion herritarrei iritzia eskatzeari. Migrazioaren afera Eta gai horietako bat, hain justu, migrazioaren afera da, zeinaz galdeketa bat egiteko eskatuko duen RN Batasun Nazionalak, eskuin muturreko alderdiko presidente Jordan Barellak joan den astelehenean baieztatu zuenez. LR Errepublikanoak eskuindarraren buruzagi Eric Ciottik ere asmo hori helaraziko du, konstituzioaren erreforma bat ezinbestekoa dela argudiatzearekin batera; eta Ciottik segurtasunaren aferan ere jarriko du arreta, «autoritate handiagoa» beharrezkoa delakoan «ordena» egoteko. Macronek eskuinean du aliatu posiblea, azken urtean bezala; eta horregatik mintzatu zen joan den astean, telefonoz, pare bat orduz, LR-ren buruzagiarekin. Baina Ciotti mesfidati da, eta profil propioa markatzen aritu da hilabeteotan, batez ere eskuin muturraren alde bozkatu zuten boto emaileak berreskuratzeko. LR-ren buruak estrategia hori duen arren, badirudi Frantziako presidenteak ez duela amore eman, eta gaurko bilkura baliatuko duela Ciotti konbentzitzen saiatzeko. Estatuburuari Asanblean gehiengo osoa falta zaionez —577 diputatutik 251ren babesa du—, eskuindarren 62 aulkiak —edo gutxienez horien erdiak baino pixka bat gehiago— ezinbestekoak zaizkio 49.3 artikulua erabili gabe lege proiektuak onarrarazteko. Frantziako hedabideen arabera, bada barne zatiketa bat alderdi eskuindarrean afera horren inguruan. Batzuek Macronengana hurbiltzearen alde egiten dute, eta beste batzuek erabateko oposizio bilakatzeko apustua egitea nahi dute; are gehiago kontuan harturik datorren urtean Europako Parlamenturako hauteskundeak egingo dituztela.
2023-8-30
https://www.berria.eus/albisteak/232236/gripearen-aurkako-txertoa-6-hilabete-eta-5-urte-bitarteko-haurrek-ere-hartu-ahal-izango-dute-hegoaldean.htm
Gizartea
Gripearen aurkako txertoa 6 hilabete eta 5 urte bitarteko haurrek ere hartu ahal izango dute Hegoaldean
Orain arte, patologiaren bat zuten adingabeek soilik hartzen zuten txertoa. Udazkenean hasiko dute kanpaina.
Gripearen aurkako txertoa 6 hilabete eta 5 urte bitarteko haurrek ere hartu ahal izango dute Hegoaldean. Orain arte, patologiaren bat zuten adingabeek soilik hartzen zuten txertoa. Udazkenean hasiko dute kanpaina.
Urrian hasiko da gripearen aurkako txertaketa kanpaina Hego Euskal Herrian, eta berritasunak izango ditu. Izan ere, sei hilabete eta bost urte bitarteko haurrek ere hartu ahalko dute txerto hori, lehen aldiz. Orain arte, patologiaren bat zuten adingabeei soilik jartzen zitzaien txertoa, gurasoek hala eskatzen bazuten, eta behin kolektibo kalteberei eta 60 urtetik gorakoei zuzendutako kanpaina amaituta zegoela. Urritik aurrera, ordea, sei hilabete eta bost urte arteko haurrek ere aukera izango dute txerto hori hartzeko. Gripearen birusaren zirkulazioa eta transmisioa murriztu nahi dute osasun agintariek neurriarekin. Hego Euskal Herrian 95.000 ume inguru daude adin tarte horretan.
2023-8-30
https://www.berria.eus/albisteak/232237/buruilaren-23an-besta-eguna-egingo-dute-izpegin-baztango-eta-baigorriko-gazteek.htm
Gizartea
Buruilaren 23an besta eguna egingo dute Izpegin Baztango eta Baigorriko gazteek
Buruilaren 22 eta 23an, Basaizea Kultur Batasunak, Baztango Gazte Asanbladak eta Erratzuko gazteek besta eguna antolatu dute Izpegiko lepoan. Atzo egin zuten prentsaurrekoa. Egitarau aberatsa argitaratu dute, «mugaren presentzia hausteko xedez».
Buruilaren 23an besta eguna egingo dute Izpegin Baztango eta Baigorriko gazteek. Buruilaren 22 eta 23an, Basaizea Kultur Batasunak, Baztango Gazte Asanbladak eta Erratzuko gazteek besta eguna antolatu dute Izpegiko lepoan. Atzo egin zuten prentsaurrekoa. Egitarau aberatsa argitaratu dute, «mugaren presentzia hausteko xedez».
Baztango eta Baigorriko gazteen arteko lankidetza 2022an jarri zen martxan. Basaizea Kultur Batasuneko kideak eta Baztango Gazte Asanblada batu ziren, haien harremanak «iraunkortzeko konpromisoa» harturik, Oihana Bidartek zehaztu zuenez. Izpegiko lepoko mugaz hausnarketa eramanik, seinaletika aldatzeko ekintza egin zuten urte bereko urtarrilaren 22an. Aurten, berriz, lankidetza beraren karietara, irailaren 23ko Izpegiko bestekin datoz, «elkar ezagutzea suspertzeko proiektu izanik», betiere muga «fisiko» eta «psikologikoa» deuseztatzeko asmoz, Bidartek azpimarratu zuenez. «Besta hau mugan antolatzeak ez du muga horren presentzia berresten, baizik eta mugaren beraren haustearen xedearekin antolatzen ditugu besta hauek», erran zuen Ane Fagoagak, Baztango Gazte Asanbladako kideak. Euskara hauspotuz batuko diren gazteek buruilaren 22tik ondu dute egitaraua. Ez dira berriak Baigorri eta Baztan ibarreko harremanak. Izan ere, Nafarroa Behereak eta Nafarroa Garaiak kontrabandoaz edan dute historikoki. Buruilaren 22an, Garaiko eta gaurko mugaz gaindiko harremanez hitzaldia antolatu dute, Jojo Bidart moderatzaile izanik. Buruilaren 23rako, berriz, hainbat ekitaldiz josi dute egitaraua. Goizean, bizikleta igoera izanen da Baigorriko plazatik. Ondotik, haurren jokoak, zintzur bustitze alaituak eta bazkari herrikoiak ateak idekiko dizkiete arratsalde eta gau parteko txaranga eta kontzertuei. Aberastasunak aberastasun, Fagoagak gehitu du tokiak «bere xarma» duela, eta, oroz gain, «sinbolikoa» dela eta besta «berezia» bihurtuko duela Izpegiko gainak. Bidartek nabarmendu du bestaren prestaketan sorturiko harremanak «biziki aberasgarriak» izan direla. Nahiz eta harreman apurrak ukan, Fagoagak zehaztu du Baigorriko beste gazte batzuk ezagutzeko parada izaten ari dela Izpegiko proiektua. «Ilusioz» ari da Bidart besta hauen antolaketan parte hartzen, eta Fagoagari, berriz, «arras naturala» egin zaio ezagutza prozesua. Segurtasunaren aldeko apustua ere egin dute gazteek. Autobusak emanen dituzte Baigorritik zein Elizondotik Izpegira igotzeko. Arratsaldean zein gauean, Izpegitik segurtasunez jausteko parada ukanen du bestazaleak, autobusak joan-jinka ibiliko baitira 19:30etik 06:00ak arte. Azkenik, zehaztu dute irailaren 23an «besta gune askea» eraiki nahi dutela, eta ez dela «inongo erasorik onartuko». Erasoen kontrako protokoloari esker, «behar diren baliabideak» emanak izanen dira erasoari erantzuteko, azpimarratu baitute «denontzat leku segurua izatea» nahi dutela.
2023-8-30
https://www.berria.eus/albisteak/232238/inflazioak-gora-egin-du-espainian-eta-gutxi-apaldu-da-alemanian.htm
Ekonomia
Inflazioak gora egin du Espainian, eta gutxi apaldu da Alemanian
Espainian, erregaien prezioek inflazioa %2,6ra igoarazi dute abuztuan, bigarren hilabetez jarraian. Alemanian, inflazioa %6,2ra jaistea espero zen, baina tasa harmonizatua soilik hamarren bat jaitsi da, %6,4ra.
Inflazioak gora egin du Espainian, eta gutxi apaldu da Alemanian. Espainian, erregaien prezioek inflazioa %2,6ra igoarazi dute abuztuan, bigarren hilabetez jarraian. Alemanian, inflazioa %6,2ra jaistea espero zen, baina tasa harmonizatua soilik hamarren bat jaitsi da, %6,4ra.
Kontsumo prezioek gora egin dute Espainian bigarren hilabetez jarraian, eta inflazioa uztaileko %2,3tik %2,6ra igo da. Erregaien prezioak izan dira, INEren arabera, igoeraren arrazoi nagusia. Iazko uztailean merkatu egin ziren, eta aurten, berriz, garestitu. Argindarrarekin, berriz, alderantziz gertatu da; nabarmen garestitu zen iaz, eta aurten, merkatu. Bestela, azpiko inflazioa —ez ditu kontuan hartzen erregaiak eta elikagaiak— apaldu egin da: %6,2tik %6,1era. Alemanian ere, zenbait estatutan igo egin da inflazioa; adibidez, Ipar Renania-Westfalia estatu populatuenean, %5,9ra. Herrialdeko KPI harmonizatuaren tasak, berriz, behera egin du, uztaileko %6,5etik %6,4ra, analistek jaitsiera handiagoa espero zuten arren. Interes tasak Adierazleoi begira, gero eta analista gehiagok uste dute EBZ Europako Banku Zentralak azken igoera bat egingo duela interes tasetan, irailaren 14ko Gobernu Kontseiluan. Prezioei buruzko abuztuko datu aurreratuek azaltzen dutenez, inflazioaren beheranzko joera oraindik ez da agerikoa eurogunean, eta beherakada ikusteko irailera arte itxaron beharko da gutxienez. Gero eta hurbilago ikusten da inflazioaren apaltzea. Dagoeneko badira zantzuak erakusten dutenak euroguneko ekonomia «hozten» ari dela. Besteak beste, 2010. urtetik lehen aldiz, M3 adierazleak erakutsi du euro billete eta txanpon gutxiago daudela zirkulazioan. Eta diru masaren murrizketa, normalean, motelaldi ekonomikoaren atarikoa izaten da.
2023-8-30
https://www.berria.eus/albisteak/232239/militar-talde-batek-estatu-kolpea-eman-du-gabonen.htm
Mundua
Militar talde batek estatu kolpea eman du Gabonen
Ali Bongo presidente izendatu eta minutu gutxira hartu dute boterea. Hark botoen %64,2 eskuratu zituen larunbateko hauteskunde orokorretan, eta etxean atxilo dute orain. Brice Oligui Nguema Guardia Errepublikanoko burua izango da junta militarreko liderra.
Militar talde batek estatu kolpea eman du Gabonen. Ali Bongo presidente izendatu eta minutu gutxira hartu dute boterea. Hark botoen %64,2 eskuratu zituen larunbateko hauteskunde orokorretan, eta etxean atxilo dute orain. Brice Oligui Nguema Guardia Errepublikanoko burua izango da junta militarreko liderra.
«Gaur, 2023ko abuztuaren 30ean, defentsa eta segurtasun indarrek, Trantsiziorako eta Erakundeak Berrezartzeko Batzordean bilduta, Gabongo herriaren izenean eta erakundeak babesteko bermean, erabaki dugu bakea defendatzea eta indarrean dagoen erregimena bukatutzat ematea». Horrela iragarri du estatu kolpea Gabongo militar talde batek, orain arte presidente izandako Ali Bongo hirugarren aldiz gobernuburu izendatua izan eta minutu gutxira. Eta militarren talde horrek Brice Oligui Nguema Guardia Errepublikanoko burua izendatu du herrialdeko lider. Gabon24 telebista katearen bidez Ulrich Manfoumbi koronelak jakinarazi duenez, Trantsiziorako eta Instituzioak Berrezartzeko Batzordeko presidentea izango da Oligui Nguema —agintea hartu duen juntari izen hori jarri diote—. Hamabi militarrek eman dute estatu kolpearen berri, gaueko ordu txikietan, Gabon24 telebista katean. Orduan iragarri dituzte lehen neurriak: Gabongo Gobernua, Senatua, Asanblea Nazionala, Auzitegi Konstituzionala eta Hauteskunde Organoa desegitea, hauteskunde orokorrak eta haien emaitzak baliogabetzea, eta, «behin-behinean», Gabongo muga guztiak ixtea. Are, talde militarreko liderrek jakinarazi dute etxean atxilo dituztela Bongo eta haren semeetako bat, «traizioagatik». Beste zazpi pertsona ere atxilotu dituzte, «traizioa, funts publikoak desbideratzea, nazioarteko finantza axolagabekeriaz erabiltzea eta ustelkeria» egotzita, besteak beste. Halere, herritarrei «lasai» egoteko eskatu diete militarrek, eta berretsi dute bete egingo dituztela nazioarteko komunitatearekin dituzten konpromiso guztiak. «Gabongo herria, hau da zoriontasunerako hegaldiaren azken geltokia. Jainkoak eta gure arbasoek bedeinkatu dezatela Gabon. Ohorea eta leialtasuna aberriari, eskerrik asko denei». Herrialdeko zenbait hedabidek jakinarazi dutenez, tiro hotsak entzun ziren Gabongo hiriburuan, Librevillen, militarrek estatu kolpea eman eta gutxira. Edonola ere, ez zen protestarik edo liskarrik izan, ezta zauriturik ere. Are, milaka lagun kalera irten dira Librevillen, eta elkartasuna adierazi diete boterea hartu duten militarrei. X sare sozialean zabaldutako zenbait bideotan ikus daitekeenez, hamar bat herritarrek sorbalda gainean jaso dute Guardia Errepublikanoko buru Brice Oligui Nguema, «presidente, presidente» oihuen artean. Ordu batzuk geroago izendatu dute. Agintaldi luze bat amaitu da «[Bongok] agintaldi ezegonkorra eta axolagabea izan du. Horrek Gabongo gizarte kohesioa pitzatu du, eta kaosera bideratu du herrialdea», esan du talde militarreko kide batek. Hain justu, larunbatean egin zituzten hauteskunde orokorrak Gabonen, eta, azken hiru legealdietan bezalaxe, Bongok eskuratu zituen boto gehien: %64,2. Oposizioko lider Albert Ondak eskuratu zuen bigarren postua, boto guztien %30,2 bilduta. Dena den, tentsio giroa nabaria zen militarrek estatu kolpea eman baino lehen. Bozetan «iruzurra» egitea leporatu zion oposizioak Bongoren taldeari. Akusazioak ukatu zituzten, baina, hautetsontziak itxi bezain laster, Internet konexioa bertan behera utzi, eta etxeratze agindua ezarri zuen gobernuak Bongo hamalau urtez izan da Gabongo presidentea, 2009tik. Aitaren karguari segida eman zion orduan, 1967tik hura izan baitzen herrialdeko gobernuburua —Gabon Frantziaren kolonia izan zen 1960. urtera arte—. Baina irabazi dituen hiru bozetan leporatu diote Bongori hauteskundeetan iruzurra egitea, eta haren aurkako bigarren estatu kolpea da oraingoa. 2018an izan zen lehena, baina saiakera hutsa izan zen; atxilotu egin zituzten Bongo boteretik kentzen saiatu ziren hiru militar, eta hamabost urteko espetxe zigorra ezarri zieten, 2021ean. Kezka nazioartean Berehala iritsi dira nazioarteko lehen erreakzioak. Frantziako Gobernuak ziurtatu du «arreta handiz» erreparatzen ari zaiola Gabongo egoerari, eta hauteskundeetako emaitzak «errespetatzeko» deia egin du. Elisabeth Borne lehen ministroak, berriz, ohartarazi du «beste krisi bat» sortu dela. Horien artean aipatu ditu Ukrainako gerra, Sudango gatazka eta joan den hilean Nigerren izandako estatu kolpea. AB Afrikako Batasunak ere erabat gaitzetsi du talde militarraren estatu kolpea, eta eskatu du «neurri politiko baketsuak» hartzeko, Gabonen «ordena konstituzionala» ahalik eta lasterren berrezar dadin. Antzera hitz egin du Txinako Atzerri Ministerioko bozeramaile Wang Wenbinek: «Txina gertutik erreparatzen ari zaio Gabongo egoerari, eta bi aldeei eskatu die herritarren eta herrialdearen interesen arabera jokatzeko». Are, desadostasunak «elkarrizketen bidez konpontzen saiatzeko» eskatu die militarrei, baita Bongoren segurtasuna bermatzeko ere. Horren harira, talde militarreko kideek jakinarazi dute Bongo senideekin eta medikuekin dagoela, eta «presidente ohi orok dituen eskubideak» bermatuko zaizkiola. Alabaina, X sare sozialean zabaldutako bideo batean, laguntza eske agertu da Bongo: «Mezu bat helarazi nahi diet munduan ditudan lagun guztiei, eta, eraso honi erantzuteko, zarata egiteko eskatzen diet».
2023-8-30
https://www.berria.eus/albisteak/232240/desfile-baztertzaileko-bandako-partaideei-parekidetasunaren-aurkako-agiri-bat-sinarazi-nahi-diete.htm
Gizartea
Desfile baztertzaileko bandako partaideei parekidetasunaren aurkako agiri bat sinarazi nahi diete
Alardearen parekidetasunaren aldeko urratsen bat egiten badute konpainiatik kanporatuko dituztela jartzen du dokumentuan.
Desfile baztertzaileko bandako partaideei parekidetasunaren aurkako agiri bat sinarazi nahi diete. Alardearen parekidetasunaren aldeko urratsen bat egiten badute konpainiatik kanporatuko dituztela jartzen du dokumentuan.
«Arbasoek» utzi zuten eran bakarrik senti daiteke, Hondarribiko Alardeko Musika Banda Elkarteak ondu duen agiri baten arabera, Hondarribiko alardea; aldarri parekidearen aurka egotea ezinbestekotzat daukate horretarako, eta, ondorioz, konpainiako kideei eskatu diete «erantzukizun adierazpen» bat izenpetzeko adieraziz alardea ulertzeko era hori dutela, eta andreak soilik kantinera gisara nahi dituztela desfilean. Era berean, agiri horretan bertan onetsi behar dute konpainiatik «kanporatu» egingo dituztela alarde parekidearen aldeko urratsen bat egiten badute. Guztion Alardea taldeak hilabeteak daramatza alarde parekidearen aldeko urratsak eskatzen, eta mezu bat zabaldu du gaur; salatu du alarde baztertzailearen aldekoek «beste behin», auzia bideratze aldera, «beldurraren bidea» hautatu dutela, eta, jokaera hori arbuiagarritzat daukatenez, «esku hartzeko» eskatu diote Hondarribiko Udalari. Alkatetzan aldaketa izan da justu aurten Hondarribian. Urteak egin ditu jeltzaleen esku, alarde baztertzailearen alde nabarmen egin dute EAJko alkateek, baina azken udal hauteskundeetan Abotsanitz plataforma izan zen garaile, eta haiena da orain alkatetza. Aldarri parekidearen alde jeltzaleek ez bestelako jarrera izan du plataformak; Jaizkibel konpainia parekideari ere, esaterako, urtero egin dio harrera, eta aldaketak espero dira aurten. Datorren astean da, hain justu ere, alardea: irailaren 8an. Urteroko eran, Jaizkibel konpainiak ere berriro desfilatuko du, alarde parekide baten alde. Hondarribiko Alardeko Musika Bandaren agiriaren harira, kritika egin dute Guztion Alardeko kideek. «Hondarribiko Alardearen gaurko antolatzaileek, genero berdintasuna ez errespetatzeaz gain, pertsonen sentimendu eta ideia aniztasuna kolokan jartzen dute», salatu dute. «Dokumentua idatzi eta sinarazi dutenei alardea hondarribiar guztiona dela ahaztu zaie, eta edozein hondarribiar alardetik kanpo uztea onartezina da». Horregatik eskea: «Hondarribiko Udalari jarrera hauen aurrean esku hartzea eskatzen diogu». Bestalde, Igor Enparan Hondarribiko alkateak uste du «goizegi» dela balorazio bat egiteko. Jakinarazi duenez, badaki sarean dokumentu hori zabaldu dela, baina adierazi du alkatetzari ez zaiola kexa «ofizialik» iritsi: «Zuzenean ez zait iritsi herritarren eskaerarik». Guztion Alardeak ere esan du berari ez diola eskaera ofizialik egin. Sarean zabaltzen diren mezuen aurrean «kautelaz» jokatu behar dela uste du, eta ez daukala «oinarri sendo bat» balorazio bat egiteko. Halere, gaiari «jarraipena» egingo diotela azaldu du Enparanek. Alarde fundazioarekin hitz egin du alkateak, eta dokumentuaren ukatu egin diote dokumentuaren berri dutela: «Niri transmititu didatenez, ez dute dokumentuaren inguruko berri zehatzik». Fundazioko talde bakoitzak modu independentean jarduten duela argudiatu diote alkateari. Gero eta ozenago Aldarri parekidea nabarmen ozendu da aurten Hondarribian. Guztion Alardeak uztailean jakinarazi zuen sinadura bilketa bat hasiko zuela gatazkaren «konponbidearen alde». Toki aski seinalatuan egin zuten: Guadalupeko zelaietan. Zabala eta irekia izan zela nabarmendu zuten: «sentsibilitate ideologiko eta belaunaldi anitzetako» herritarrak elkartu ziren. Konponbidea bideratze aldera, «oinarrizko» lau punturen inguruan lortu nahi dituzte atxikimenduak, eta, funtsean, andreen parte hartzea onetsiko duen konponbide bat proposatzen dute. 2019an abiatu zen Guztion Alardea mugimendua. Herriko hainbat gaztek jarri zuten martxan; alarde parekidearen alde daudela argi esan zuten hasieratik, eta, horren abaroan, iaz 64 andrek eskari bat egin zieten Alarde Fundazioari eta udalari: alardean parte hartu nahi zuten. Ez zuten baiezko erantzunik jaso. Honako hauek dira aurten plazara atera dituzten lau puntuak, herritarrak horien inguruan batze aldera. Lehena usadioak herriarentzat duen esanahi handiarekin lotuta dago: «Alardea hondarribiar guztion ondare immateriala da». Bigarrenak dio andreen eskubideak bermatu gabe ez dela lortuko inoiz auzia bideratzea: «Hondarribiko emakume bakar batek alardean modu batean zein bestean parte hartzeko nahia badu, eskubide osoa dauka». Hirugarrenak eskatzen du jaiaren antolaketa pribatuak bazter uzteko: «Ospakizunaren etorkizuna bermatzeko, alardea herriaren eskuetara itzuli behar da». Laugarrenak hitzaren alde egiten du: «Gatazka honen amaierak elkarrizketaren bidetik etorri behar du, hori baita norbanakoaren zauriak sendatzen hasteko modu bakarra».
2023-8-30
https://www.berria.eus/albisteak/232241/arastik-kargua-hartuta-gobernua-osatu-du-txibitek.htm
Politika
Arastik kargua hartuta, gobernua osatu du Txibitek
Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkari izateari utzi dio Jose Luis Arastik, Ekonomia eta Ogasun kontseilari lanean aritzeko
Arastik kargua hartuta, gobernua osatu du Txibitek. Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkari izateari utzi dio Jose Luis Arastik, Ekonomia eta Ogasun kontseilari lanean aritzeko
Maria Txibitek badu falta zuen azken pieza. Nafarroako Gobernuko lehendakariak gobernu berria aurkeztu zuen abuztuaren 18an, hutsune nabarmen batekin: Ekonomia eta Ogasun Departamentuko buruarena. Jose Luis Arasti hautatua zuen kargurako, baina, legez, Arasti ezin zen gobernuan aritu Espainiako Gobernuko ordezkari kargua utzi arte. Hamar egun geroago eta tramitea beteta, karguaren zina egin du Ekonomia eta Ogasun kontseilari berriak, Nafarroako Jauregian. Nagusiki gaztelaniaz egin du zin Arastik, baina euskarazko «hitzematen dut» formula ere erabili du bukaeran. Horren ostean, hitza hartu du Txibite lehendakariak. Lehenik eta behin, eskerrak eman dizkie Elma Saiz eta Juan Cruz Cigudosa kontseilari ohiei, biak ala biak Ekonomia eta Ogasun Departamentuko buru izan baitziren aurreko legealdian. Txibitek nabarmendu du Ekonomia eta Ogasun Departamentua «funtsezkoa» dela, irabazien, gastuen eta aurrekontuen kudeaketa biltzen dituelako: «Gure lanaren arrakastaren ardatza izanen da parlamentuak eskatutako politika aurrerakoiak gauzatzea, eskura ditugun baliabide ekonomikoekin; eta aurrekontuen kudeaketa horrek emango digu modua, hain zuzen, gizartea eraldatzeko». Lehendakariak ohartarazi du, halaber, «oso zorrotza» izanen dela kontseilari guztiekin. «Gure jokabideak eredugarria izan beharko du, arreta handia eskatzen duten printzipio etikoek gidatua». Gobernu «kohesionatua» nahi du Txibitek, «ideia argiak izanen dituena, era koordinatuan lan eginen duena, pertsonalismoetatik aldenduta».
2023-8-30
https://www.berria.eus/albisteak/232242/feijook-sanchezi-eskatu-dio-erraztu-diezaiola-kargua-hartzea-bi-urtean-agintzeko.htm
Mundua
Feijook Sanchezi eskatu dio erraztu diezaiola kargua hartzea, bi urtean agintzeko
Hau da proposamena: bi urteko agintaldi bat egitea sei estatu akordio bete ahal izateko, eta gero berriz ere bozetara deitzea. Helburua da alderdi independentistek izan dezaketen eragina indargabetzea. PSOEk ateralditzat jo du proposamena. Urkulluk elkarrizketa «zintzoa eta probetxuzkoa» izan du Feijoorekin.
Feijook Sanchezi eskatu dio erraztu diezaiola kargua hartzea, bi urtean agintzeko. Hau da proposamena: bi urteko agintaldi bat egitea sei estatu akordio bete ahal izateko, eta gero berriz ere bozetara deitzea. Helburua da alderdi independentistek izan dezaketen eragina indargabetzea. PSOEk ateralditzat jo du proposamena. Urkulluk elkarrizketa «zintzoa eta probetxuzkoa» izan du Feijoorekin.
Kargua hartzea erraztu diezaiola eskatu dio Alberto Nuñez Feijook Pedro Sanchezi. PPko eta PSOEko presidentegaiak ia ordubetez bildu dira gaur Espainiako Kongresuan, eta proposamen berria eraman du Feijook hara: «Gobernagarritasunaren aldeko akordio bat eskaini diot; bestela, Espainia independentisten esku geratuko da». «Puntu komunak» izenburupean Sanchezi eman dion zazpi orriko txostenak 11 neurri jasotzen ditu, eta 1977ko Moncloako Itunen argazki bat du azalean. Hau da proposamena: PSOEk PPren inbestidura erraztea, bi urteko agintaldi batean sei estatu akordio garatu ahal izateko. Ondoren, Espainiako Gorteetarako hauteskundeetara deituko litzateke berriz. Feijooren arabera, horrela bermatuta egongo litzateke boto gehien jaso dituen zerrendak gobernatzea, «zentralitatearen mesedetan, eta azken 45 urteetan ohitura izan den moduan». «Modu horretan, alderdi independentistek izan dezaketen eragina indargabetuko dugu, eta bermatuko dugu espainiar guztiek tratu parekidea jasotzea», adierazi du PPko idazkari nagusiak. «Espainiaren gobernagarritasuna ezin da nazionalisten etengabeko xantaiaren menpe egon». Zehazki, Feijook «Espainiak zintzilik dituen erreformei» aurre egin nahi die 24 hilabeteko agintaldi horretan. «Inork nahi ez duen» blokeo politiko bat ere eragotzi nahi du. Sei akordio PPk proposatu duen gobernuak 15 ministerio izango lituzke —PSOEko ministrorik ez luke izango—, «nazio espainiarraren lurraldetasuna defendatzeko konpromisoa» hartuko luke, eta alderdi independentisten erreferendum eta amnistia eskariak ukatuko lituzke. Eskainitako sei estatu akordioak, berriz, hauek dira: «Eraberritze demokratikoarena, ongizate estatuarena, saneamendu ekonomikoarena, familiena, urarena eta lurraldetasunarena». Sanchezek, berriz, Feijoori eskatu dio Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia abenduaren 31 baino lehen eraberritzeko konpromisoa hartzeko, «presidentea edozein dela ere». PPk ia bost urte daramatza CGPJren berritzea blokeatzen. Gaur egindako proposamenari dagokionez, berehalakoa izan da Sanchezen erantzuna. PSOEko iturriek ateralditzat jo dute proposamena. «Feijook uste du 5.000 biztanleko herri bat kudeatzen ari dela», adierazi dute. Urkullurekin solasean Sanchezekin ez ezik, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin ere hitz egin du Feijook, telefonoz. Jaurlaritzaren arabera, ordu erdi pasatxoko hizketaldi «zintzoa eta probetxuzkoa» eduki dute. Alabaina, eskatu dio EAJrekin hitz egiteko inbestidurari buruz.
2023-8-30
https://www.berria.eus/albisteak/232243/hiru-obra-estreinatuko-dituzte-musika-garaikideko-zikloan.htm
Kultura
Hiru obra estreinatuko dituzte Musika Garaikideko Zikloan
Silboberri txistu elkarteak Carmen Asenjo-Marrodanen Ad index Desconstruction II eta Lula Romeroren Uneindeutiges lanak aurkeztuko ditu, gaur, Kursaalean. Bihar, berriz, Xelo Giner saxofoi joleak Aurelio Edler-Copesek konposatutako Sssooooommmm estreinatuko du.
Hiru obra estreinatuko dituzte Musika Garaikideko Zikloan. Silboberri txistu elkarteak Carmen Asenjo-Marrodanen Ad index Desconstruction II eta Lula Romeroren Uneindeutiges lanak aurkeztuko ditu, gaur, Kursaalean. Bihar, berriz, Xelo Giner saxofoi joleak Aurelio Edler-Copesek konposatutako Sssooooommmm estreinatuko du.
Jaialdiaren lehen txanpan bi kontzertu programatu ostean —Plural Ensemblek abuztuaren 6an eman zuen kontzertua, eta Noelia Rodiles, Elena Rey eta Jorge Montek osatutako hirukoak 12an—, gaur berrekingo dio Donostiako Musika Hamabostaldiak Musika Garaikideko Zikloari. Eta, hain zuzen ere, hiru obraren estreinaldiarekin emango dio amaiera Donostiako aurtengo eskaintzari. Silboberri txistu elkarteak bost pieza interpretatuko ditu, gaur, Kursaaleko erabilera anitzeko aretoan, eta horietako bi erabateko estreinaldiak izango dira: Carmen Asenjo-Marrodanen Ad index Desconstruction II eta Lula Romeroren Uneindeutiges. Bi estreinaldi horiez gain, beste hiru pieza ere interpretatuko ditu Aitor Amilibiak (txistua), Josean Hontoriak (akordeoia) eta Santiago Pizanak (perkusioa) osatutako hirukoteak: Jesus Etxeberriaren Akasel, Mercedes Zabalaren Bizpahiru ezbai eta Jose Maria Sanchez-Verduren Zuria III. Etxeberriaren obra Lesakako zubigaineko zortzikoan oinarrituta dago, Amilibiak adierazi duenez, «baina ez da obra klasiko bat, Etxeberriak bere erara moldatu baitu». Sanchez-Verduren piezak, berriz, lotura zuzenak ditu Eduardo Txillidaren filosofiarekin: «Bloke trinkoak proposatzen ditu». Bihar, berriz, Xelo Giner saxofoi jotzaile kataluniarrak beste obra bat estreinatuko du Musika Hamabostaldian, Aurelio Edler-Copes konpositore brasildarraren Sssooooommmm. Giner Edler-Copesen musika elektronikoak lagunduta ariko da kontzertuan, eta azken horrek azaldu du sistema analogikoko pedalekin lan egingo dutela zuzenean, bi gitarra anplifikadorerekin, hain zuzen ere. «Alderdi gizatiarra eta mekanikoa fusio batean batzea da» asmoa, konpositoreak adierazi duenez. «Ez da izango aurrez grabatutako soinurik, eta pedalen bitartez, espazializazioa lortzea izango da helburua. Mantra baten gisakoa lortuko dugu entzulea soinuan bertan sartuta». Obraren izenburuak berak (Sssooooommmm) helburu hori adierazten du, Edler-Copesen arabera: «S letrak airea ordezkatzen du; o letrak, tonua; eta m-ak, oihartzuna». Ikusi gehiago: Beethovenen eta Haydnen doinuek itxiko dute 84. Musika Hamabostaldia Obra berri horrez gain, Ginerrek beste sei lan emango ditu biharko kontzertuan: Gyorgy Kurtagen Signes, Games and Messages, Carlos David Peralesen Butho, Isabel Latorreren Sainth Wich, Carlos David Peralesen Sola, Mikel Chamizoren Titanio eta Miguel Angel Berbisen Eixe sentiment...quan plou. Pieza horietako lehenengo laurek adierazkortasun emozionala transmitituko dute, Ginerrek azaldu duenez, eta gainerako biek eta Edler-Copesenak, berriz, «alderdi gizatiarren eta mekanikoen arteko harremana». Ez da biharkoa Ginerrek obra horiek interpretatuko dituen aurreneko aldia. Latorrerena, esaterako, 2022an eman zuen ,Valentzian (Herrialde Katalanak), emakumeei eskainitako kontzertu batean, konpositorearekin eskuz esku lan egin ondoren. Gaur azaldu duenez, Erdi Aroko musikan du oinarria obrak, eta bere ahotsaren bitartez sortutako efektuak ditu ardatz, «beti saxofoiaren hodiaren barruan sortzen direnak». Sainth Wich, gainera, Maya Deren zinemagile ukrainar esperimentalaren (Kiev, 1917-New York, 1961) irudiek lagunduta interpretatuko du Ginerrek. Musikagile eta interpreteen topaketa Aurten lehen aldiz, musika garaikidean lanean ari diren konpositore eta interpreteen topaketa bat jasoko du Musika Hamabostaldiak. Musika Bulegoak antolatu du, eta bihar izango da, Ginerren eta Edler-Copesen kontzertuaren aurretik. «Egitasmo aitzindaria izango da Euskal Herrian», azaldu Mikel Chamizo konpositore eta Musika Bulegoko ordezkariak, «konpositore eta interpreteen arteko networking bat». Chamizok denbora darama bai Euskal Herrian eta bai atzerrian lanean, eta, haren iritziz, hemengo sorkuntza garaikidea «instituzionalizatua» dago. «Hemen, oro har, konpositoreek instituzioen eskaeren arabera egiten dute lan, baina beste herrialde batzuetan, ordea, sareak biziagoak dira. Lan egiteko espazioak daude». Sorkuntza sustatzeko asmoz, 30 bat konpositore eta interprete bilduko dira ordubetez, «batzuek besteen berri izan eta aurrerago lan egiteko oinarriak jar ditzaten». Horri lotuta, Musika Bulegoak sormena sustatzeko hiru diru laguntza bideratuko ditu, biharko topaketan sor daitezkeen lankidetza harremanak bultzatzeko xedez. «Gainera, hainbat belaunalditako sortzaile eta interpreteak elkartu nahi ditugu: bai gazteak, bai ibilbide bat dutenak».
2023-8-30
https://www.berria.eus/albisteak/232244/atsekabea-eragin-du-etxebehereren-heriotzak.htm
Politika
Atsekabea eragin du Etxebehereren heriotzak
Besteak beste, nabarmendu dute «bakegile nekaezina», «konprometitua» eta «eskuzabala» izan zela.
Atsekabea eragin du Etxebehereren heriotzak. Besteak beste, nabarmendu dute «bakegile nekaezina», «konprometitua» eta «eskuzabala» izan zela.
Bakearen alde ibilbide oparoa eginik zendu da Graxi Etxebehere, eta, sareetan, dolumin eta atsekabe mezu ugari izan dira heriotzaren berri izan ondoren. «Emazte handi bat joan zaigu! Bakegile nekaezina! Milesker emandako guziagatik. Adiorik ez, Grazi», adierazi dute Bakegileek. Anita Lopepe EH Baiko bozeramaileak Etxebehereren «eskuzabaltasuna», «humanismoa» eta «abertzaletasuna» azpimarratu ditu, eta baita haren «indarra» ere. «Monumentu bat joan zaigu», idatzi du Lopepek sare sozialetan. «Milesker, Graxi, herri honi eman diozun guziagatik. Milesker zure ondoan ikasitako guziagatik. Agur eta ohore!», erantsi du. EH Baik berak ere zabaldu du dolumin mezua. Etxebehereren hitzak paratu ditu sare sozialetan, haren militantzia goresteko: «Emateak ekarri dit zoriona; ez hainbeste jasotzeak». Eta ondorengoa erantsi du: «Euskal Herriaren aldeko borrokan segituko dugunongan bizi-bizirik iraunen duzu, Grazi». Anaiz Funosas Bake Bideko bozeramaileak sare sozialetan utzi duen mezuan azpimarratu du Etxebehere militante «nekaezina, zintzoa eta leiala» izan zela, eta baita «eskuzabala eta maitekorra» ere. Hark egindako ekarpena «handia» izan zela esan du, halaber. Bide beretik jo du Sortuk ere. Etxebehere «abertzale militantea eta konprometitua» zela gogoratu du, eta presoen aldeko dinamikaren balioak «ezin hobeki gorpuzten» zituela ere bai. «Izar berri bat piztu da Euskal Herriko zeru gainean», idatzi du alderdiak sare sozialetan. «Herria egiteagatik» eskerrak eman dizkio, gainera. Sortuko idazkari nagusi Arkaitz Rodriguezek Etxebehereren «konpromisoa» eta «eskuzabaltasuna» nabarmendu ditu, eta doluminak eman dizkie haren lagun, senide eta burkideei. Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak ere gogoan izan du zendutako bakegilea. Hark erakutsitako «konpromisoa» goratu nahi izan du Otegik: «Emakume handia, konprometitua, militantea, abertzalea eta ezkertiarra. Bake artisaua eta betiere burkide eta laguna». EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren hitzetan, «ohore handia» izan da Etxebehererekin «askapen prozesuaren bidean» lan egitea. EH Bilduko beste kide batzuek ere agertu dute atsekabea heriotzagatik. Besteak beste, Bel Pozueta diputatuak idatzi du mezua sare sozialetan: «Justizia, nafartasuna eta euskara. Bizitza osoan tinko defendatu dituzun aldarriak oztopo guztien gainetik». Emakume «borrokalari, nekaezin, eredugarri eta baikorra» izan zela gaineratu du Pozuetak. Sarek ere doluminak agertu ditu. Bakegile eskuzabala eta nekaezina izan zela gogoratu du, eta hark hasitako bidean aurrera jarraituko dutela gaineratu. «Garena egin gaituzu, Graxi».
2023-8-30
https://www.berria.eus/albisteak/232245/australian-urriaren-14an-egingo-dute-indigenak-konstituzioan-aitortzeko-erreferenduma.htm
Mundua
Australian urriaren 14an egingo dute indigenak konstituzioan aitortzeko erreferenduma
Indigenei parlamentuan ordezkaritza emateko konstituzioaren zuzenketa bozkatuko dute. Inkesten arabera, babesa galdu du erreferendumean bozkatuko den legeak azken hilabeteetan.
Australian urriaren 14an egingo dute indigenak konstituzioan aitortzeko erreferenduma. Indigenei parlamentuan ordezkaritza emateko konstituzioaren zuzenketa bozkatuko dute. Inkesten arabera, babesa galdu du erreferendumean bozkatuko den legeak azken hilabeteetan.
Urriaren 14an egingo dute Australian aborigenak konstituzioan aitortzeko erreferenduma. 2019ko uztailean aurkeztu zuen Anthony Albanese Australiako lehen ministroak erreferenduma egiteko asmoa, eta data jarri diote gaur. Lege proposamenak aurrera egiteko, australiarren gehiengoak baiezkoa bozkatu beharko luke, eta herrialdeko sei estatuetatik lautan gailendu. «Konstituzioa aldatzeko eta Lehenengo Nazioak aitortzeko lege proposamena. Onartzen duzu?». 17,5 milioi australiarrek baiezkoa edo ezezkoa eman beharko diote galdera horri. Helburua da Aborigenen eta Torres Itsasarteko Uharteetakoen Ahotsa izeneko aholkularitza organo bat sortzea, hau da, indigenek parlamentuan ordezkaritza izateko proposamena. Ordezkaritza horrekin, eragiten dieten gaietan ahotsa edukiko lukete indigenek. Erreferendumaren data iragartzerakoan, indigenen ordezkaritzaren alde agertu da Albanese: «Gure herrialdea batzeko aukera paregabea izango dugu urriaren 14an. Aborigenentzat eta Torres Itsasarteko Herritarrentzat maratoi bat izan da horrelako zerbait lortzea. Orain, guretzat, esprint bat bakarrik ez da». Horrez gain, Albanesek ezezkoaren aurka egin du: «Ezezkoa bozkatzea aurrerapenaren aurka bozkatzea da. Horrela ez dugu ezer aldatuko». Lehen ministroaren 2022ko hauteskundeetako kanpainako proposamena izan zen erreferendum hori egitea. Inkesten arabera, indigenak konstituzioan aitortzeko zuzenketak babesa galdu du azken hilabeteetan. %46k baiezkoa bozkatuko lukete orain, eta soilik Australiako bi estatutan irabaziko luke baiezkoak: Tasmanian eta Victorian. Askok uste dute erreferendumean baiezkoa aterako balitz apaldu egingo liratekeela indigenen eta beste herritarren arteko desberdintasun sozioekonomikoak. Australian bizi diren 26 milioi lagunetatik soilik %3,6 dira indigenak, eta %52ko langabezia tasa daukate. Horrez gain, haien bizi itxaropena beste herritarrena baino hamar urte gutxiagokoa da. Kontrako ikuspuntuak Erreferendumaren aurkako ikuspuntuak ere agertu dira. Alderdi liberaleko politikariek lehen ministroaren zuzenketaren kontra egin dute. Baina baita senatari aborigen batzuek ere. Jacinta Nampijinpa Price senatari liberal aborigenak esan du erreferenduma eta horrek ekar ditzakeen eraginak «legalki arriskutsuak» direla. «Lege horrek nire herriaren eta Australiako beste biztanleen arteko desberdintasuna handitu dezake», esan du Pricek. Erreferendumaren aurka egin du Linda Thorpe senatari aborigenak ere.
2023-8-30
https://www.berria.eus/albisteak/232246/berlin-energia-garestiak-uxatutako-enpresa-inbertsioei-eutsi-nahian.htm
Ekonomia
Berlin, energia garestiak uxatutako enpresa inbertsioei eutsi nahian
Hainbat enpresa ekoizpenaren parte bat Alemaniatik atzerrira eramaten ari dira, energia garestiak bultzatuta. Olaf Scholzen gobernuak hobari fiskalak onartu ditu ihes hori apaltzeko asmoz, baina gobernu koalizioan ez dute lortu energia ordaintzeko diru laguntzarik adostea.
Berlin, energia garestiak uxatutako enpresa inbertsioei eutsi nahian. Hainbat enpresa ekoizpenaren parte bat Alemaniatik atzerrira eramaten ari dira, energia garestiak bultzatuta. Olaf Scholzen gobernuak hobari fiskalak onartu ditu ihes hori apaltzeko asmoz, baina gobernu koalizioan ez dute lortu energia ordaintzeko diru laguntzarik adostea.
Errusiako gasari jarritako debekuak eta trantsizio energetikoak asko garestitu du energiaren prezioa Alemanian, eta ez dirudi urte batzuetan behera egingo duenik. Alemaniako Gobernuak uste du energiaren prezioek gaur egun bezala jarraituko dutela gutxienez 2027ra arte, eta energia gehien kontsumitzen dutenak, enpresa industrialak, produkzioa atzerrira eramaten ari dira argindar faktura gero eta handiagoak ikusita. Energia asko kontsumitzen duten enpresak fakturak ordaintzeko diru laguntzak eskatzen ari zaizkio Olaf Scholzen gobernuari, baita Alemaniako hainbat estatu federalei ere. Konpainiek diote ekoizpen kostuak jaisteko eta lehiakor izateko beharrezkoa dela energia merkatzea, eta estatu federalik industrializatuenek ere (Bavaria, Hessen, Saxonia Beherea, Ipar Renania-Westfalia, Renania-Palatinatua, Saxonia eta Saxonia-Anhalt) gutun bat sinatu zuten elektrizitatearen prezioa diruz laguntzeko eskatzeko; Anke Rehlinger Sarreko lehen ministroak, esaterako, Alemania «desindustrializatzeko» arriskua ikusten du. Eskakizunak eskakizun, energiaren prezioa diruz laguntzeko neurririk ez du onartu Alemaniako Gobernuak, barne eztabaida handia baitago koalizio gobernuko aldeen artean. Berdeak eta alderdi sozialdemokrataren parte bat enpresei fakturak ordaintzen laguntzearen aldekoak dira, uste baitute enpresen ihesa eragotziko duela eta energia berriztagarrien igoerak laster elektrizitatearen prezioa merkatuko dutela. Hala ere, koalizio gobernuko hirugarren alderdia, Alderdi Demokratiko Askea Liberala eta Olaf Scholz kantziler sozialdemokrata diru laguntzen aurkakoak dira, enpresa txiki eta handien arteko lehiakortasuna desitxuratzen duela uste baitute. Scholz kantzilerrak, Robert Habeck Ekonomia ministroak (Berdeak) eta Christian Lindner Finantza ministroak (alderdi liberala) atzo adierazi zuten lanean dabiltzala etorkizuneko energia hornidurarako estrategia "koherente eta indartsu" bat egiteko, baina baztertu egin zituzten epe luzeko diru laguntzak: «Garbi dago diru laguntza egonkor bat ez dela konponbidea». Hobari fiskalak Energiaren prezioa diruz laguntzeko akordiorik lortu ez badute ere, Scholzen gobernuak bestelako neurri batzuk onartu ditu Alemaniako enpresek ekoizpena ez deslokalizatzeko. Atzo eta gaur, Mesebergeko jauregian elkartu dira ministro gehienak, eta, beste neurri batzuen artean, ekonomia berraktibatzeko hamar puntuko lege bat adostu zuten, parlamentuak eztabaidatu eta onartu egin behar duena oraindik. Neurri berrien helburu nagusiak hauek dira: hobari fiskalak bultzatzea, burokrazia murriztea, eta digitalizazioan aurrerapausoak ematea. Christian Lindner Alemaniako Finantza ministro liberalak bultzatutako Hazkunderako Aukeren Legearen ondorioz, 50 hobari fiskal izango dituzte enpresek 2024tik aurrera, eta urtero 7.000 milioi euro aurreztea espero dute. Enpresak, alde egiten Azkenaldian, Alemania geldialdi ekonomikoan dago, barne produktu gordina ez baita ez handitu eta ez txikitu azken hiruhilekoetan. Ukrainako inbasioaren ostean, energiaren eta elektrizitatearen prezioek izugarri egin dute gora Alemanian, eta horrela mantendu dira, Europako gainontzeko herrialde gehienetan gertatu ez den moduan. Horrek eragin zuzena izan du enpresen inbertsioan, askok Alemanian inbertitzeari utzi baitiote, eta beste batzuek produkzioaren parte batzuk atzerrira eramatea erabaki dute. Alemaniako Industria eta Merkataritza Ganberak inkesta bat egin du, eta enpresen %32k adierazi dute azken urtean kanpo inbertsioari garrantzi handiagoa eman ziotela barne inbertsioari baino; hori zioten enpresak %16 ziren iaz. Galdetutako enpresen %52k adierazi zuten trantsizio energetikoa kalte egiten ari zaiola beren negozioari. BASF kimika enpresak, esaterako, joan den uztailean erabaki zuen Txinan zabaltzea planta petrokimiko berria, eta Ludwigshafengo (Alemania) egoitza progresiboki txikitzea. 10.000 milioi euroko kostua izango du planta hori eraikitzeak, eta Martin Brudermüller kontseilari ordezkariak Europatik joateko erabakia azaldu zuen uztailean: «Europako baldintzak onak ez badira, beste leku batzuetan deskarbonizatzen saiatuko gara. Laguntza handia jaso dugu Txinan». BASF, beste enpresa batzuekin batera, energia ordaintzeko diru laguntzak eskatzen ari zaizkio koalizio gobernuari. Brudermüllerrek, bestalde, adierazi zuen Europako hainbat enpresek AEB Ameriketako Estatu Batuetara egingo dutela alde, IRA Inflazioa Murrizteko Legeari esker diru laguntza gehiago lortuko dituztelako. Izan ere, Joe Bidenen gobernuak 369.000 milioi dolarren laguntzak onartu zituen «energia garbien inbertsioa» bultzatzeko.
2023-8-30
https://www.berria.eus/albisteak/232247/unai-beroiz-argazkilariak-pandemian-aitonari-egindako-argazkian-oinarritutako-mural-bat-egin-dute-uharten.htm
Bizigiro
Unai Beroiz argazkilariak pandemian aitonari egindako argazkian oinarritutako mural bat egin dute Uharten
Javi Landa 'Deltadec' marrazkilariak egin du, eta igandean ikusi zuen Miguel Nieto argazkiko protagonistak.
Unai Beroiz argazkilariak pandemian aitonari egindako argazkian oinarritutako mural bat egin dute Uharten. Javi Landa 'Deltadec' marrazkilariak egin du, eta igandean ikusi zuen Miguel Nieto argazkiko protagonistak.
Oporretatik bueltan, ezusteko polita hartu zuen igandean Miguel Nietok. Don Benito herrian jaio zen, duela 93 urte (Espainia), eta duela mende erdi sorterria utzi zuen Euskal Herrira etortzeko. Hainbatek egin ohi duen bezala, uda honetan herrira itzuli da, baina ezustekoa etxerako bueltan hartu zuen. Igandean heldu zen Uharte Iruñerrira (Nafarroa). Ez, ordea, zuzenean etxera. Unai Beroiz haren bilobak sare sozialetan azaldu duenez, Uharteko kiroldegira eraman zuten senideek. Han zituen zain. Nietok protesta egin zuen, nekatuta zegoelako, baina kiroldegiko hormetako batera begiratzean, berehala egin zuen irribarre. «Inoiz ez dut hau imajinatu. Nire aitona flipatzen ikusteak asko pozten nau. Bihotzez, mila esker», azaldu du Beroizek. Freelance argazkilaria da, eta Diario de Noticias egunkariarekin kolaboratzen du. 2020ko apirilaren 1ean pandemiako itxialdian aitonari atera zion argazki batek famatu zituen mundu osoan biak. Egun horretan, aurrez aurre egoteko debekuaren aurrean, aitonaren etxeko ezkaratzean egin zuten topo aitona-bilobek, kristal baten bi aldeetan. Eskuak beiran jarri, eta «argazkia sortu egin zen», esan zuen orduan Beroizek. Itxialdi baten erretratua izan zen hura. Sare sozialetan jarri zuen, bost hitzekin: «Aitona. Tan lejos, tan cerca» (Hain gertu, hain urrun). Berehala izan zuen oihartzuna. Budapest International Foto Awards sariketan zilarrezko saria jaso zuen. Artistak bikain erreproduzitu du Unai Beroizen argazkia muralean. / Iñigo Uriz Telebista, egunkari eta agentzietan bolo-bolo zabaldu zen argazkia, eta Erresuma Batuko The Guardian egunkariak ere publikatu zuten. Munduari buelta eman ondoren, orain, Nieto bezala, Uhartera itzuli da argazkia: irudi horretan oinarrituta, Javi Landa Deltadec marrazkilariak mural handi bat margotu du Uharteko kiroldegian. «Argazki hura egin nuenetik, itxialdi betean, asko izan dira argazki horrek sortutako une alaiak. Aitortzen dut, zalantzarik gabe, honexek poztu nauela gehien», adierazi du Beroizek. Uharteko Udalaren enkargua izan da murala, eta argazkilariak eskerrak eman dizkie udalari eta, bereziki, Alfredo Arruiz alkateari. Baita udal langileei ere, murala egiteko horma txukuntzeagatik, eta sendiari, «sekretua gordetzeagatik». Azkenik, artistari eman dizkio eskerrak: «Lanaren egilea. Muralgintzaren aitzindaria Nafarroan. Cantamañas nazioarteko kaleko arte jaialdiaren bultzatzailea. Uharte nazioarteko mapan jarri duen tipulazalea. Argazkiaren erreprodukzioa ikusgarria da. Eskerrik asko zure arteagatik».
2023-8-30
https://www.berria.eus/albisteak/232248/beasaingo-cafek-hiru-pabiloi-itxi-ditu-amiantoagatik.htm
Ekonomia
Beasaingo CAFek hiru pabiloi itxi ditu amiantoagatik
Berritze lan batzuetan azaldu da amiantoa. Zuzendaritzak 200 langile inguru etxera bidali ditu. Sindikatuek «arduradun nagusiak» kargugabetzeko eskatu dute.
Beasaingo CAFek hiru pabiloi itxi ditu amiantoagatik. Berritze lan batzuetan azaldu da amiantoa. Zuzendaritzak 200 langile inguru etxera bidali ditu. Sindikatuek «arduradun nagusiak» kargugabetzeko eskatu dute.
Beasaingo (Gipuzkoa) CAFek hiru pabiloi itxi ditu, horietako baten teilatuaren desmuntatzeko lanetan amiantoa agertu delako. Zuzendaritzak kontrakoa jakinarazi arte han lan egiten duten langileak —200 inguru— ez dira lanera itzuliko. Enpresaren arabera, nabe horietako baten sabaia kentzeko lanak abuztuan hasi zituzten. Prozesu horretan amianto kopuru «oso txikiak» aurkitu dituzten arren, hiru nabeak ixtea erabaki dute, badaezpadako neurri gisa. Enpresa garbiketa lanak egiten ari da hiru pabiloietan, Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko lantalde espezializatu batekin batera. Amiantoa oso material arriskutsua da osasunerako, amianto fibrak edo hautsak arnasteak minbizia eragiten baitu. Langile batzordeak ohar bat igorri du, enpresaren kudeaketa gogor kritikatuz. Eskatu du harik eta segurtasuna «%100e ziurtatu arte», hiru pabiloi horietako langile bakar bat ere ez dadila bere lanpostura itzul, eta galdutako lanegunak osorik eta langileei inolako kalterik eragin gabe ordaintzeko. Salatu du zuzendaritzak ekoizpena lehenetsi duela «berriro ere» langileen segurtasunaren eta osasunaren gainetik, eta «egoeraren arduradun nagusiak» kargugabetzeko eskatu du; ez du baztertzen auzitara jotzea. Osalanen «utzikeria» ere salatu du. Akabera sekzioko 7., 8. eta 9. nabeetako beharginei eragin die erabakiak, eta haserre handia sortu du. Langile batzordearen arabera, «egun hauetan gertatutako guztia ekidin zitekeen zentzugabekeria hutsa da». «Utzikeria» Kaltetuek astearte honetan jaso dute etxera joateko agindua, nahiz eta enpresak egun batzuk lehenago detektatu amiantoarekin kutsatzeko arriskua zegoela. Langile batzuk astebete lehenago jaso zuten abisua, 8. nabekoek. Eta astearte honetan ezagutarazi du enpresak han hartutako sei laginetatik lauk positibo eman dutela. Horren ostean erabaki du 7. eta 9. nabeetako langileak ere etxera bidaltzea. Sindikatuek salatu dutenez, denbora tarte horretan nabe horietako jarduera etetea eskatu zuten, eta enpresaren ezezkoaren ondoren, beste neurri batzuk galdegin zituzten: beharginentzako segurtasun eta kontrol neurriak handitzea, airearen kalitate frogak egitea eta tailerretako hainbat puntutan zeuden hauts laginak aztertzea. Horiek ere ez zituen onartu. «Erantzun zuen Osalanekin koordinatuta ari zela lanean eta jarraibide eta protokolo guztiak betetzen ari zirela». Osalanen jarrera salatu du langile batzordeak, agertutako kezka eta desadostasunei «garrantzia kendu» dielako. Aspaldiko ezaguna CAFen aspaldiko ezaguna da amiantoa. Gaur egun ez dute erabiltzen, baina 1990eko hamarkadara arte ohiko zen han ekoizten dituzten trenetan isolatzaile gisa erabiltzea. Osalanen arabera, amiantoarekin luzaroan jardundako langileen %10 inguruk dute mesotelioma garatzeko arrisku handia, eta gaitzak jotakoen %80ek luzaroan zan dute kontaktua amianto zuntzekin. Beasaingo lantegiarekin loturik 61 pertsona hil dira mineral hori arnasteak eragindako gaixotasunengatik; haietako hiru beharginen bikotekideak dira. Hori epaitegiek aitortutako kopurua da, baina, sindikatuek diotenez, ehunka dira gaixotutakoak. 640 pertsonako zerrenda bat dute, eta horiei osasun azterketa bat egiten diete urtero CAFek eta Osakidetzak. Horrekin batera, instalazioetan amiantoa dagoen lekuen mapa bat dute, eta material hori kentzeko plan bat du enpresak. «CAFen amiantoaren inguruan dugun ibilbidearen jakitun, bereziki larria da orain gertatutakoa bezalako egoerak gertatzea», salatu du langile batzordeak.
2023-8-30
https://www.berria.eus/albisteak/232250/galiziarrak-kontxatik-kanpo-geratu-dira-eta-zumaia-eta-kaiku-sailkatu-dira-faboritoekin-batera.htm
Kirola
Galiziarrak Kontxatik kanpo geratu dira, eta Zumaia eta Kaiku sailkatu dira faboritoekin batera
Zumaia izan da sailkatze estropadako ezustekoa, laugarren denbora onena lortuta. Orio, Arraun Lagunak, Tolosaldea, Zumaia, Hondarribia, Hibaika eta Kaiku sailkatu dira iganderako.
Galiziarrak Kontxatik kanpo geratu dira, eta Zumaia eta Kaiku sailkatu dira faboritoekin batera. Zumaia izan da sailkatze estropadako ezustekoa, laugarren denbora onena lortuta. Orio, Arraun Lagunak, Tolosaldea, Zumaia, Hondarribia, Hibaika eta Kaiku sailkatu dira iganderako.
Itsasoa izan da Kontxako Banderarako sailkatze estropadako protagonista nagusietako bat. Metro eta erdiko olatuak zeuden iragarrita, baina Santa Klara uharte parean ia bi metrokoak ziren estropada hasi aurretik. Erlojupeko proba izan da, baina itsasoaren kontra ere aritu behar izan dute arraunlariek. «Oso zaila zen lan ona egitea, baina asmatu dugu», esan du Lorea Etxabe Arraun Lagunak-ekoak. Itsaso zakar horretan, baina, Zumaia izan da eguneko beste ezustekoa. Orio, Arraun Lagunak eta Tolosaldearen ondoren, ontzi azkarrenetan laugarren izan da Gipuzkoako hori, hamahiru minuturen azpitik geratu da ordularia, eta bi ontzi aurreratu dituzte bidean: Cesantes eta Mugardos. Zumaiarren ondoren sailkatu dira Hondarribia eta Hibaika. Eta faboritoak alde batera utzita, lehiarako azken sailkatua Kaikuk izan da. Bizkaitarrek gogoz ospatu dute Donostiako kaian, salto eta besarkada artean. Andrea Astudillo Arraun Lagunak-eko patroia, olatu artean, trainerua gidatu nahian. Andoni Canellada, Foku Txanponaren beste aldea Galizian erori da. Euskotren Ligako bi ontziek, Cabok eta Tiranek, aukera ona zuten faboritoen ondoren sailkatzeko, baina biak ere kanpoan geratu dira. Chapela izan da Galiziako ontzi azkarrena; bost segundorengatik geratu da Kaikuren atzetik, zortzigarren postuan. Orio (12:23.24), Arraun Lagunak (+8,18), Tolosa (+13,69), Zumaia(+34,64), Hondarribia (+41,18), Hibaika (+43,34) eta Kaiku (+49,74) izango dira Donostiarrarekin batera igandean Kontxan lehiatuko direnak (11:00). Hauek izan dira gaurko estropadako denborak: 1. Orio: 12.13,24 2. Arraun Lagunak: 12.31,42 3. Tolosaldea: 12.36,92 4. Zumaia: 12.57,88 5. Hondarribia: 13.04,42 6. Hibaika: 13.06,58 7. Kaiku: 13.12,98 8. Chapela: 13.18,94 9. Cabo: 13.23,94 10. Zarautz: 13.39,02 11. Astillero: 13.41,92 12. Ondarroa: 13.46,90 13. Tiran: 13.56,98 14. Deustu-Bilbo: 14.08,48 15. Perillo: 14.25,28 16. Hernani: 14.34,44 17. Cesantes: 14.55,02 18. Mugardos: 15.04,66
2023-8-30
https://www.berria.eus/albisteak/232251/tekla-jotzea.htm
Politika
Tekla jotzea
Tekla jotzea.
Luhusokoa ez zen Luhuson hasi. Euskal gatazkaren ondorioen aterabide prozesuan, memoria kolektiboan txertatu zen Luhusokoa, baina aurreko urteetako hainbat gertakariren eta konpromiso-hartzeren ondorioz gertatu zen. Besteak beste, Graxi Etxebehere zendu berriaren ekinaldiaren ondorioz. ETAk 2011ko urrian jakinarazi zuen bukatutzat eman zuela jarduera armatua, baina Espainiako Gobernuan berehala PP jarri zen eta ez zen gatazkaren ondorioen elkarrizketa mahaia osatu Oslon, ETAk aurrez, nazioarteko eragileen bitartekaritzarekin, PSOEren gobernuarekin hitzartu moduan. 2013 hasieran atera ziren ETAren solaskideak Oslotik, eta erakundeak aldebakartasunez ekin zion armagabetzeari. 2014ko otsailean izan zen auziko beste gertakari garrantzitsu bat: ETAren jakinarazpen bideoa desarmatzearen hasieraz. Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen bi arduradun ageri ziren bideoan, ETAren bi ordezkarirekin batera. Mahaian: arma, munizio eta lehergai kopuru jakin bat. Talde politiko eta instituzio askok egin zioten kritika ETAri, armategia oso txikia zela esanez; kritikoen artean ziren, funtsean, Hego Euskal Herrikoak eta Espainiakoak. Aldiz, Ipar Euskal Herrian beste dinamika bat zegoen, barneratzaileagoa eta eraikitzaileagoa. Mugarri izan zen 2014ko urrian bakegintzari buruzko Baionako adierazpena, Iparraldeko sentsibilitate guztien parte hartzearekin egin eta aurkeztutakoa. Testuinguru politiko eta sozial hartan kokatu behar da Iparraldeko gizarte zibileko hainbat lagunen pausoa ETAren armagabetzerako, arriskuak arrisku. 2015ean eta 2016an atxilotu egin zituzten Nathalie Chasseriaux, Enrike Lopez, Graxi Etxebehere, Terexa Lekunberri, Jeff Mateo, Pantxoa Flores, Xabier Arin, Denise Elizagoien, Mixel Berhokoirigoin, Txetx Etxeberri, Mixel Bergouignan, Beatrice Molle eta Stephane Etxegarai. Herritar gisa ari ziren —denak ez erantzukizun berarekin—, armagabetzerako lanean, bake prozesu baten alde. Haietako batzuk aurretik ETArekin publikoki kritiko agertutakoak ziren. Covitek, Etxebehereren heriotza baliatuz, «terrorearen artisau» gisa definitu ditu. 2017ko apirilean desarmatu zen ETA. Dinamika haren izaera zibilarekin ados egon ala ez —esaterako, Jaurlaritzak ez zuen gustuko—, ekintzaile sozialik gabe nekez lortuko zen Frantziaren inplikazioa —inplikazio «tazitua», Berhokoirigoin zenak esaten zuenez—. Aurrerabiderako, «orain presoak» aldarrikatu zuten bakegileek armagabetze egunean bertan. 2018ko maiatzean desegin egin zen ETA. Handik hilabete batzuetara Etxebeherek bere kontrako-eta epaiketan epaileari galdetu zion ea noiz hartuko zen «serioski» euskal presoen afera. Jose Luis Rodriguez Zapaterok duela bi urte BERRIAko elkarrizketan aipatu zuen 2011n «Oslora joanda, ETAren amaiera bi urtean» egin zitekeela. Pedro Sanchez 2018an heldu zen Moncloara, ETAk bukatu berritan, eta oraindik euskal presoena ez dago erabateko konponbide prozesuan. Egun hauetan Kataluniako auziko amnistiaz ari dira hizketan —Baionako adierazpenak puntu batean bazekarren amnistiarena—, eta ematen du emango duela Madrilek. Aldiz, euskal presoen auzian oraindik ere ez du osorik ezarri legedi arrunta; asko falta zaio. Gaur egun, horixe betetzea baino ez zaio eskatzen. Auzia, politikoa da, Katalunian bezala. Tekla egokia(k) jotzea da kontua. Etxebeherek-eta jo zuten.
2023-8-30
https://www.berria.eus/albisteak/232252/txileko-diktadurako-desagertuak-bilatzeko-plana-aktibatu-dute.htm
Mundua
Txileko diktadurako desagertuak bilatzeko plana aktibatu dute
Gobernuaren arabera, estatuak egin zituen «krimen horiek» eta hari dagokio horiez arduratzea. 1973 eta 1990 artean desagerrarazitako 1.459 pertsonetatik soilik 307 aurkitu dituzte
Txileko diktadurako desagertuak bilatzeko plana aktibatu dute. Gobernuaren arabera, estatuak egin zituen «krimen horiek» eta hari dagokio horiez arduratzea. 1973 eta 1990 artean desagerrarazitako 1.459 pertsonetatik soilik 307 aurkitu dituzte
Iazko martxoan Txileko presidente izendatua izan ondoren agindu zuen egitasmoetako bat aktibatu du ofizialki, gaur, Gabriel Boricek, Santiagoko Konstituzioaren plazan egindako zeremonia batean: Augusto Pinochet buru zuen diktadura militarraren aroan (1973-1990) atxilotuak izan eta gero desagertutakoak aurkitzeko plan nazional bat. Datu ofizialen arabera, urte horietan 1.459 pertsona desagerrarazi zituzten, baina horietatik soilik 307 aurkitu eta identifikatu dituzte. Luis Cordero Txileko Justizia eta Giza Eskubideen ministroak aste honen hasieran emandako elkarrizketa batean nabarmendu zuenez, planak helburu du atxiloketak eta desagerpenak zein baldintzan eta egoeratan gertatu ziren argitzea. Corderoren esanetan, estatuak egin zituen «krimen horiek», eta, horrenbestez, hari dagokio horiez arduratzea. Behartutako Desagertzeen Biktimen Nazioarteko Eguna zen, atzo, hain justu, eta aintzat hartu behar da, gainera, laster, irailaren 11n, mende erdi beteko dela militarrek Salvador Allende buru zuen gobernuaren aurka estatu kolpea eman eta agintea hartu zutenetik. Ikusi gehiago: Victor Jara hiltzea egotzita, 25 urteko kartzela zigor irmoa ezarri diete zazpi militarri Gobernuak azaldu duenez, planak bateratuko du azkeneko urteotan egiaren batzordeek, justizia auzitegiek, biktimen senideek eta aurreko gobernuek egindako lana. Corderoren esanetan, desagertuen bilaketa «estatuaren politika publiko iraunkor» bilakatzea dute asmo, eta egitasmoak «balio erreparatzailea» izango duelakoan dago. Boricek atzoko ekitaldian azpimarratu zuenez, «konbentzituta» dago demokrazia «memoria dela, etorkizuna dela». Orain arte biktimen senideak arduratu dira desagertuak bilatzen ahalegintzeaz; batik bat, emakumezkoak. Eraman zituzten beren kasuak auzitegietara, eta kasu horiek aurrera egin dutenean soilik identifikatu ahal izan dituzte desagertuetako batzuk lurperatzeko erabili zituzten lekuak. Ikusi gehiago: Txileko estatu kolpeari buruzko bi txosten desklasifikatu dituzte AEBek Esplikatu dute zentralizatuko eta digitalizatuko dituztela espedienteak eta gobernuaren erakundeetan zein giza eskubideen aldeko elkarteetan barreiatuta dauden beste artxibo batzuk, eta «software berezi bat» erabiliko dutela informazio guztia gurutzatzeko. Gobernuak, gainera, finantzatuko ditu bai biktimak lurperatuta egon daitezkeen lekuen arakatzea, baita finantzaketa faltagatik etenda dauden arakatzeak ere. Beste esperientzia batzuk Proiektuan ez dago jasota, ordea, nola lortu informazio armadarengandik edo zigorra betetzen ari diren militarrengandik. Armadak inoiz ez ditu entregatu diktadura garaiko artxiboak, argudiatuta ez direla existitzen. 1970eko hamarkadan mikrofilm bilakatutako batzuk erraustu egin zituzten 2000. urtean. 1970eko eta 1980ko hamarkadetan diktadurapean egondako beste herrialde batzuetan ere egin izan dituzte antzeko saiakerak. Argentinan 1.400dik gora gorpu edo gorpuzkin berreskuratu zituzten eta horietatik 800 identifikatu. Brasilen, aldiz, 210 pertsona aurkitzeko ahaleginak ia antzuak izan dira.
2023-8-31
https://www.berria.eus/albisteak/232269/gutxienez-73-lagun-hil-dira-johannesburgoko-eraikin-batean-piztutako-sute-batean.htm
Mundua
Gutxienez 73 lagun hil dira Johannesburgoko eraikin batean piztutako sute batean
Suhiltzaileek kontrolpean dute sutea, baina oraindik ez dakite zerk piztu duen
Gutxienez 73 lagun hil dira Johannesburgoko eraikin batean piztutako sute batean. Suhiltzaileek kontrolpean dute sutea, baina oraindik ez dakite zerk piztu duen
Gutxienez 73 lagun hil eta 52 zauritu dira Johannesburgoko eraikin batean piztutako sute baten ondorioz, hiriko agintariek adierazi dutenez. Robert Muladzi hiriko Larrialdiak Kudeatzeko Zerbitzuko bozeramaileak adierazi du suhiltzaileak lanean ari direla, baina oraindik ez dakitela zerk piztu duen sutea. «Bost solairuko eraikin batek su hartu du osteguneko lehen orduan. Bertara iritsi bezain pronto, eraikina hustea lortu dugu, sua itzaltzeko lanean ari ginen bitartean», zehaztu du. Mulaudzik adierazi du sutea kontrolpean dutela. Azken hilabeteetan piztu den hirugarren sutea da gaurkoa. Hegoafrikako zenbait hedabidek adierazi dutenez, ekainean izandako bertze sute batean bi adingabe hil ziren.
2023-8-31
https://www.berria.eus/albisteak/232270/euroguneko-inflazioa-53an-mantendu-da-abuztuan.htm
Ekonomia
Euroguneko inflazioa %5,3an mantendu da abuztuan
Eurostatek aurreratutako datuaren arabera, eurogunean berdin mantendu da inflazioa, baina azpiko inflazioak lau hamarren egin du behera
Euroguneko inflazioa %5,3an mantendu da abuztuan. Eurostatek aurreratutako datuaren arabera, eurogunean berdin mantendu da inflazioa, baina azpiko inflazioak lau hamarren egin du behera
Apiriletik, euroguneko inflazioa apaldu egin da da hilabetez hilabete, baina beheranzko joera hori abuztuan amaitu da, abuztuko inflazio tasa uztaileko bera izango dela aurreikusi baitu Eurostatek: %5,3. Hala ere, estatistika zentro horren kalkuluen arabera, azpiko inflazioak beheranzko joerari eutsiko dio, aurreikusi baitu %6,6tik %6,2ra murriztuko dela energia eta jaki freskoak kontuan hartu gabe neurtzen den adierazlea. Energia iazko abuztuan baino %3,3 merkeago dagoen arren, uztailarekin alderatuta garestitu egin da. Uztailean negatiboa zen energiaren inflazioa (-%6,1), baina abuztuan gora egin du (-%3,3). Jakien garestitzearen erritmoa, baina, moteldu egin da, elikagai freskoen inflazio tasa %9,2koa baitzen uztailean, eta abuztuan %7,8koa izan dela kalkulatu dute. Eurostaten kalkuluen arabera, Espainia eta Belgika dira inflazio tasa txikiena duten herrialdeak, %2,4, eta EBZ Europako Banku Zentralak jarritako %2ko inflazio tasaren helburutik gertu daude. Grezia, Herbehereak eta Finlandia dira hurrenak, %3,4ko KPI kontsumorako prezioen indizearekin. Frantziako inflazio tasa, berriz, %5,7koa da, Eurostaten arabera. Eslovakiak du oraindik ere euroguneko inflazio tasarik handiena (%9,6), zazpi hamarren behera egin badu ere. Kroazia da bigarrena zerrendan (%8,5), eta Austria hurrena (%7,6). Inflazioak, beraz, EBZren helburutik urrun jarraitzen du eurogunean, eta hurrengo bileran, irailaren 14ean, interes tasak igotzen jarraitu ala ez erabakiko dute. Azken bileran, uztailean, %4,25eraino igo zituen tasak, eta, itxura denez, beste igoera bat onartuko dute, kezkatuta baitaude azpiko inflazioaren mailarekin.
2023-8-31
https://www.berria.eus/albisteak/232271/espainiako-gobernuak-erabaki-du-ikasturte-honetan-ere-selektibitatearen-formatuari-eustea.htm
Gizartea
Espainiako Gobernuak erabaki du ikasturte honetan ere selektibitatearen formatuari eustea
Egin asmo dituzten aldaketak 2025era atzeratuko dituzte.
Espainiako Gobernuak erabaki du ikasturte honetan ere selektibitatearen formatuari eustea. Egin asmo dituzten aldaketak 2025era atzeratuko dituzte.
Espainiako Gobernuko Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioko ordezkariak gaur goizean bildu dira autonomia erkidegoetako eta unibertsitateetako ordezkariekin, USE Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioaz hitz egiteko. Azkenean, oraingoz, gaur egungo selektibitateari eutsiko diote, eta aldaketak urtebete atzeratu asmo dituzte, 2025era. Hain zuzen, Madrilek LOMLOE azken hezkuntza legera egokitu nahi du proba. Hainbat aldaketa egin nahi dituzte; besteak beste, azterketak egiteko denbora gehiago emanda —etsamineko 90 minututik 105 minutura—. Izan ere, memoriari hain lotuta ez dauden ariketak txertatu nahi dituzte, eta leku handiagoa egin nahi diete pentsatzeko ariketei eta ideiak lotzeari. Gainera, esaterako, ikasleei eman egingo dizkiete matematikako eragiketak egiteko behar dituzten formulak. Orain arte bezala, selektibitatearen emaitza unibertsitatera sartzeko notaren %40 izango da, eta gainerakoa, %60, batxilergoko batez bestekotik aterako dute. Aldaketak egiteko, errege dekretu bat prestatzen ari ziren, baina maiatzatik geldirik dago prozesua, uztailaren 23ko hateskundeengatik. Orain, aldaketak atzeratzea erabaki dute, ministerioak eskatutako txosten juridikoek adierazi baitute jarduneko gobernu batek ezin dituela legeak edo errege dekretuak onartu, «oso premiazkoak» ez badira behintzat. Gainera, ministerioak ohar bidez azaldu duenez, unibertsitateetako ordezkariek ere eskatu izan diete luzapena, eta irakasleen, ikasleen eta familien «ziurgabetasuna» apalduko dutelakoan daude.
2023-8-31
https://www.berria.eus/albisteak/232272/urkulluk-laquokonbentzio-konstituzional-batraquo-eskatu-du-laquoerabakitzeko-gaitasunaraquo-garatzeko.htm
Politika
Urkulluk «konbentzio konstituzional bat» eskatu du, «erabakitzeko gaitasuna» garatzeko
Estatus politiko berriaren prozesua geldirik dagoela, Eusko Jaurlaritzako lehendakariak formula berri bat proposatu dio Moncloak hartuko duen presidenteari: urtebeteko epean «estatuaren plurinazionaltasunean aurrera egitea», konbentzio konstituzional baten bidez, Espainiako Konstituzioaren «zati baten interpretazioa eguneratzeko».
Urkulluk «konbentzio konstituzional bat» eskatu du, «erabakitzeko gaitasuna» garatzeko. Estatus politiko berriaren prozesua geldirik dagoela, Eusko Jaurlaritzako lehendakariak formula berri bat proposatu dio Moncloak hartuko duen presidenteari: urtebeteko epean «estatuaren plurinazionaltasunean aurrera egitea», konbentzio konstituzional baten bidez, Espainiako Konstituzioaren «zati baten interpretazioa eguneratzeko».
Eusko Jaurlaritzaren urte politiko berriaren lehen Gobernu Kontseiluan aipatu zuen Urkulluk «konbentzio konstituzionala», eta «autogobernuaren proiektuan» sakontzearekin eta «estatu eredu berri bat» sortzearekin lotu zuen proposamen hori, Donostian egindako ekitaldi politikoan. Orain, El País egunkarian kaleratutako artikulu batean, xehetasun gehiago eman ditu proposatzen ari denaz, betiere Moncloak hartuko duen Espainiako agintariari begira. Konbentzio konstituzionala herri anglosaxoietan erabilitako tresna gisa aurkezten du, eta azaltzen du ez dagoela Espainian hura debekatuko lukeen araurik. «Aldebikotasunari» erreparatuta, Urkulluk «erabakitzeko gaitasuna» jorratu nahiko luke konbentzio horretan, «autogobernuan» aurrera egiteko eta, aldi berean, «estatuaren plurinazionaltasuna» islatzeko. Konbentzio horretan nork parte hartuko lukeen ez du argitu, ezta prozesu horretan herritarrek zer-nolako parte hartzea eduki dezaketen ere. 2017tik geldirik dago estatus politiko berriaren prozesua, eta Urkulluk, Espainiako egunkarian idatzi duen testuan, «erabakitzeko gaitasunaz» hitz egiten du, ez erabakitzeko eskubideaz, 2017ko oinarrian adostu zen moduan. Edonola ere, Jaurlaritzako lehendakariak urtebeteko epean egin nahiko luke konbentzio konstituzional hori: «Ez litzateke konbentzio konstituzional orokor bat, zehatza baizik, konstituzioaren zati baten interpretazio adostua eguneratzeko». Urkulluk uste du 1978ko Espainiako Konstituzioak ez diola «soluziobiderik» eman «lurraldetasunaren auziarekin» lotutakoari. Baina ohartarazten du ez litzatekeela «formula magiko bat»; haren arabera, ordea, «aukera berriak ireki ahal izango lituzke». Historia itunaren helduleku Edonola ere, Urkulluk azaltzen du konbentzio horren aurretik akordio bat egon beharko litzatekeela, eta hartan jaso beharko liratekeela «aldebikotasuna» eta «erabakitzeko gaitasun adostua». Jaurlaritzako lehendakariak uste du konbentzio hori «modu malgu bat» izango litzatekeela «egungo bidegurutze politikoari irteera» emateko. Urkulluk esplikatu du uztailaren 23ko bozek «estatuaren plurinazionaltasuna berretsi» dutela, eta, horregatik, «erantzunik gabe dauden oinarrizko bi galdera» egitea «egokia» dela orain: «Zergatik egon daiteke soilik nazio bat estatu batean? Zergatik ezin da Espainiako Estatua plurinazionala izan, praktikan XVIII. mendera arte izan zen moduan?». Horiek horrela, Urkulluk garbi esan du EAJren borondatea «akordioa eta paktua» direla oraindik ere. «Argi dago ituna ezin zaiola inposatu estatuari. Horretan datza aldebikotasuna: bi aldeek egon behar dute ados, eta batak bestearekin lehial jokatu. Ez diogu inori ezer inposatu nahi, eta ezin dugu onartu Euskal Herriari galaraztea haren borondatea zein den azaltzea». Urkulluk azpimarratu du «historiak eredu egingarri bat» erakusten duela, eta kontzertu ekonomikoari erreparatu dio itunaren adibide gisa 1878tik. «Beraz, aurrera egiten jarraitu behar dugu, garai berriekin bat etorriko diren edukiak bilduta, eta ituna estatuarekin egiten den kontzertu aldebiko gisa ulertuta». Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriak ere hitz egin du Urkulluren proposamenaz gaur, Radio Euskadin. Haren arabera, aurretik ere Urkulluk erreparatu dio «konbentzio konstituzionalari», eta orain «une egokia izan daiteke» berriro horri heltzeko. Zupiriak esan du «blokeo egoerari begira» Urkulluk «proposamenak egin dituela etengabe azken urteetan, «lurraldetasunarekin» lotutako auziari erantzuteko. Edonola ere, lurraldetasunarekin lotutako edukian Jaurlaritzak egin dituen proposamen zehatzei buruz esan du EAJk aztertu beharko duela haien egokitasuna. «EAJk ikusi beharko du gero proposamena mahairatu behar den ala ez, eta PSOEk ikusiko du onargarria den ala ez». Zupiriaren ekarpen horiek ere ez dute lagundu argitzen nork parte hartuko lukeen konbentzio konstituzional horretan. Madril eta Bartzelona Espainiako Presidentetzako jarduneko ministro Feliz Bolañosek eman dio lehen erantzun bat Urkulluri: «zilegi da» proposamena, «konstituzioaren barruan» dagoen heinean. «Ez da PSOErena», baina zilegi ikusten du konbentzio konstituzionala eskatzea. Kataluniako Generalitatak ere zilegitzat jo du, baina baztertu egin du, nahiz eta «errespetagarritzat» hartu duen.
2023-8-31
https://www.berria.eus/albisteak/232273/guatemalako-kongresuak-talde-politikoa-osatzea-eragotzi-dio-semilla-mugimenduari.htm
Mundua
Guatemalako Kongresuak talde politikoa osatzea eragotzi dio Semilla mugimenduari
Guatemalako Kongresuak independentetzat jo ditu presidente hautatuaren alderdiko diputatuak. Erabakiaren harira, Kongresuko Zuzendaritza Taldearen aurkako salaketa aurkeztu dute diputatuek.
Guatemalako Kongresuak talde politikoa osatzea eragotzi dio Semilla mugimenduari. Guatemalako Kongresuak independentetzat jo ditu presidente hautatuaren alderdiko diputatuak. Erabakiaren harira, Kongresuko Zuzendaritza Taldearen aurkako salaketa aurkeztu dute diputatuek.
Semilla mugimenduak asteartean hartu zuen kolpeari azkena eman zion atzo Guatemalako Kongresuak: alderdiko diputatuak independente gisa aitortu zituen. Horrek esan nahi du alderdiko diputatuak eserleku independenteen parte izango direla Kongresuan, eta alderdiak ezin izango duela talde politiko gisa bloke legegile bakar bat osatu. Guatemalako Herritarren Erregistroak —Goreneko organo bat— herenegun mugimendua «behin-behinean» legez kanpo utzi ondoren iritsi da erabakia. Neurriak haserrea eragin du. Kongresuko Zuzendaritza Taldearen aurkako salaketa aurkeztu dute gaur Guatemalako presidente hautatuaren alderdiko diputatuek. Auzitegi Konstituzionalean aurkeztu dute salaketa, «agintekeriagatik». Ezkerreko mugimenduaren arabera, «erabat baliogabeak» dira asteon jaso dituzten zigorrak. «Aldeko ebazpena izatea espero dugu, jazarpen politiko hau behingoz amaitu dadin», esan du alderdiko diputatu Samuel Perez Alvarezek. Kongresuko Zuzendaritza Taldeak, ordea, berretsi du legeak ezarritakoa bete baino ez dutela egin. «Semilla mugimendua bertan behera uzteko agindua eman zuen zazpigarren epaileak». Ikusi gehiago: Guatemalako presidente hautatuaren alderdia, legez kanpo behin-behinean Hain justu, Fredy Orellana epaileak uztailaren 12an emandako agindu judizial bati erantzunez hartu dituzte erabaki horiek Guatemalako Herritarren Erregistroak eta Kongresuko Zuzendaritza Taldeak. 2017 eta 2018 artean sinadura faltsuak biltzea leporatzen diote alderdiari. Fiskaltzaren arabera, hemezortzi hildakoren izenak ageri ziren alderdiko afiliatuen milaka sinaduren zerrendan, eta beste 319k ez zuten identifikazio agiririk. Horrez gain, bildu beharreko sinadurengatik 175.000 quetzal inguru (20.200 euro inguru) ordaintzea egozten diote ezkerreko mugimenduari, baita dirua eta beste aktibo batzuk zuritzea ere. Zapore gazi-gozoa Botoen %61 lortuta, Semilla mugimendua gailendu zen joan den asteko Guatemalako presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulian. Hauteskunde Auzitegi Gorenak baliozkotzat jo zituen bozak, eta alderdiko buru Bernardo Arevalori eman zion presidente hautatuaren kargua. Baina Guatemalako Herritarren Erregistroak mugimendua legez kanpo utzia zuen ordurako. Arevalok irmo adierazi zuen orduan «ezerk» ezin duela legez eragotzi hark 2024ko urtarrilaren 14an kargua hartzea. Baina egunotako erabakiek bestelako paisaia bat margotu dute. Oraingoz, Guatemalako Herritarren Erregistroaren ebazpenaren aurkako helegite bat, babes errekurtso bat —Goreneko bigarren aretoan aurkeztutakoa—, eta Kongresuko Zuzendaritza Taldearen aurkako salaketa bat jarri ditu ezkerreko mugimenduak. Baina, bien bitartean, bere horretan jarraitzen du mugimendu aurrerakoiaren aurka abiatutako ikerketak, eta ikusteko dago Hauteskunde Auzitegi Gorenak alderdia bertan behera uzteko ebazpena berresten duen edo atzera botatzen duen.
2023-8-31
https://www.berria.eus/albisteak/232274/hipoteka-berrien-kopurua-14-txikitu-da-urteko-lehen-erdian.htm
Ekonomia
Hipoteka berrien kopurua %14 txikitu da urteko lehen erdian
Interes tasen igoerak moteldu egin du etxeen salerosketa. Mailegatutako kopuruak %16 handitu dira. Euriborraren igoera eten egin da.
Hipoteka berrien kopurua %14 txikitu da urteko lehen erdian. Interes tasen igoerak moteldu egin du etxeen salerosketa. Mailegatutako kopuruak %16 handitu dira. Euriborraren igoera eten egin da.
Inflazio handia etxeen salerosketa izozten ari da. Hipoteka bat kontratatzea izugarri garestitu da azken urtean, eta horrek moteldu egin du etxebizitzen merkatua. Urteko lehen seihilekoan, iazko epe berean baino 2.017 hipoteka berri gutxiago sinatu dira Hego Euskal Herrian: %14ko jaitsiera dakar horrek. INE Espainiako Estatistika Insititutuaren arabera, hipoteka bakoitzeko 155.661 euro eskatu dira batez beste, iaz baino %16,5 gehiago: 22.000 euro gehiago. Etxebizitzen prezioa garestitu egin delako gertatu da hori, baina, bereziki, inflazio handiagatik, soldaten marjinak gero eta txikiagoak direlako hilabeteko gastu guztiei aurre egiteko. Mailegatutakoarengatik ordaindu beharreko interesen igoerak eragin du hipoteka gutxiago sinatu izana; batez besteko tipoa %3,19koa da gaur egun, 2017ko apiriletik izandako handiena. Hipoteka berriei dagokienez, bezeroak gero eta gehiago eskatzen ari dira tasa finkoko hipotekak, garestiagoak —%3,45 gaur egun, eta gorako bidean horiek ere—, baina babestuagoak gorabeherei dagokienez. Bankuak interes finkoko produktuak ezabatuz joan dira, hala ere. Garai batean, erabat nagusi ziren tasa aldakorreko maileguak, baina, orain, hamarretik lau dira era horretakoak. Horiek hala, finantza erakundeak tasa finkoko hipoteken interesak igotzen ari dira. Duela bi urte, posible zen %1eko intereseko maileguak lortzea, baina orain %3 eta %4 artekoak sinatzen dira. Jaitsiera apala Euriborrean Tasa aldakorreko hipotekei dagokienez, batez besteko tipoa %2,84koa da gaur egun. Horiek kontratatzerako orduan, Euriborra da gehien erabiltzen den indizea. Hori ere azken hamabost urteetako mailarik altuenean dago gaur egun. Abuztuan, eten egin da igoera, hogei hilabetez jarraian gora egin eta gero, baina horrek ez du esan nahi iaz baino gutxiago ordainduko dutenik orain hipoteka berritu beharko dutenek. Abuztuko batezbestekoa %4,072 izan da, aurreko hilean baino 0,77 hamarren txikiagoa. Kontuan hartuta iaz %1,249koa zela, oso igoera handia da oraindik ere. Adibidez, 150.000 euroren hipoteka bat egiten dutenek, 25 urtean itzultzekoa izanik eta Euriborra gehi %1eko tasarekin sinatuta, hilean 200 euro gehiago ordaindu beharko dituzte. Hori hipoteka berria egiten dutenek; berritu behar dutenen kopuru zehatza, berriz, norberaren maileguaren zenbatekoaren eta itzultzeko epeen araberakoa izango da, interesa pagatu ez den zatiaren gainean ezartzen baita. Azken urtean oso bortitza izan da Euriborraren igoera, eta Europako Banku Zentralak (EBZ) abian jarritako interes tasen politikaren ondorio izan da hori. Inflazioa geldiarazteko ahaleginean, diruaren prezio ofiziala igotzen aritu da iazko udatik. Bankuek gehiago ordaindu behar dutenez EBZren bidez finantzatzeagatik, tasa altuagoak aplikatzen dituzte haien artean ematen dituzten maileguetan. Eta Euriborrak, hain zuzen ere, finantza erakundeen arteko kostu hori neurtzen du. EBZren zain Orain, zera argitu beharra dago: EBZk noiz etengo dituen interes tasen igoerak. Neurria ari da bere helburuak lortzen: ekonomia hozten ari da, eta, horrekin batera, inflazioa jaisten. Asufin kontsumitzaileen elkarteak uste du abuztutik aurrera Euriborrean ere nabarituko dela, igoera moteltzen hasiko dela, eta %4 eta %4,5 inguruan eutsiko diola urte amaierara bitartean. Hipotekaren igoera beti izaten da kolpe gogorra, baina are gehiago orain. Gainera, hilabeteko kuoten igoera KPIaren batezbestekoa (%2,6, uztailean) baino handiagoa izaten ari da aurten ere; ondorioz, hipotekek diru sarreren gero eta zati handiagoa jaten diete mailegatuei. Hego Euskal Herrian, batez besteko soldataren %30 adinakoa da. Duela bederatzi hilabete, Espainiako Gobernuak babes neurri batzuk bultzatu zituen hipoteken garestitzeari aurre egiteko: besteak beste, kuota izoztea urtebetez, hipoteka ordaintzeko epea gehienez zazpi urtez zabaltzea, eta atzeratutako ordainketetan interes apalagoak ordaintzea. Neurri horiek kezka eta kritika batzuk eragin dituzte; funtsean, neurri horietaz baliatzeko baldintzak nahiko zorrotzak direla, eta hipoteka luzatzea eta, beraz, garestitzea dakartela. Hortaz, oso eragin mugatua izan dute. Metro koadroa, garestiago Etxeen garestitzeak, gainera, ez du etenik. Espainiako Jabetzaren Erregistratzaileek aste honetan emandako datuen arabera, metro koadro bakoitzaren prezioa asko garestitu da bigarren hiruhilekoan. Gipuzkoak du oraindik ere metro koadro garestiena: 3.423 eurokoa, iazko epe berean baino %6,7 gehiago. Bizkaia da bigarrena zerrendan: 2.746 euro balio du batez beste (+%2,5). Nafarroan igo da gehien: %28, eta batez beste 2.280 euro kostatzen da han. Orain, Araban dago merkeen: 1.964 euroko prezioa du, baina asko garestitu da iaztik, %13. Erositako hamar etxetik bi berriak izan dira.
2023-9-1
https://www.berria.eus/albisteak/232275/zazpigarren-arkua.htm
Bizigiro
Zazpigarren arkua
Harrizko zubi erromanikoak milaka turista erakartzen ditu urtero, Donejakue bideko gune turistikoenetako bat baita. Garesko zubi erromanikoa XI. mendean eraiki zuten, eta hortik dator Nafarroako herriaren izena.
Zazpigarren arkua. Harrizko zubi erromanikoak milaka turista erakartzen ditu urtero, Donejakue bideko gune turistikoenetako bat baita. Garesko zubi erromanikoa XI. mendean eraiki zuten, eta hortik dator Nafarroako herriaren izena.
Hasieran zubia zegoen». Hitz horiekin hasi zuen Jimeno Jurio historialariak Garesko (Nafarroa) historiari buruzko bere liburua. Garesko harrizko zubian oinarrituz eraiki zen herria, eta hortik jaso zuen izena; herria eta Garesko zubi erromanikoa bereizezinak dira. Garesko zubia XI. mendearen hasieran eraiki zuten, Donejakue bidea egiten zutenen ibilbidea errazteko asmoz. Gaur egun, erromesek Arga ibaia zeharkatzen dute, Garesko zubi historikoaren harrien gainetik. Gares Izarbeibarko bailararen erdian dago, Arga ibaiaren ertzean eta Iruñetik 24 kilometrora. Robo ibai txikiak Argarekin egiten du topo herriko sarreran, eta haren ura Garesko zubiaren zazpi arkuen azpitik igarotzen da. Gares Izarbeibarko herri gazteena dela esan ohi da, eta haren sorrera estuki lotuta dago zubi erromanikoaren eraikuntzarekin. Garesko zubi erromanikoa, Arga gainean. Idoia Zabaleta, Foku Antso Gartzes III.a Iruñeko Erresumako erregearen emazteak, Munia erreginak, zubia eraikitzeko agindua eman zuen XI. mendean. Hareharriz egindako zubi erromanikoa erromesen bidea errazteko baliagarria izango zela pentsatuz. Munia erreginaren izena zubiaren jatorriarekin lotzen dute historialariek, XI. mendeko dokumentazioan zubia Ponte Regina (Erreginaren zubia) gisa aipatzen baita. Gaur egun, herriaren gaztelerazko izena XI. mendeko deitura horren eboluzioa da: Puente la Reina. Gares, Ponte Regina eta Puente la Reina dira herriaren izen ezagunenak, baina 1121ean Alfontso I.ak beste izen bat erabili zuen: Ponte de Arga (Argako zubia). Urte horretan Lizarrako forua eman zion Garesi, eta bertan erabili zuen izena, herriaren ertzak bustitzen dituen ibaiari erreferentzia eginez. Garai horretan, jada desagertutako Santiagoko parrokia erromanikoa ere eraiki zuten, eta herriak ospea lortu zuen bere artisautzarengatik eta olibondoengatik; baina, batez ere, Donejakue bideko erromesek zeharkatu behar zuten zubiarengatik. zubiaren zoladura 1989an aldatu zuten, eta XI. mendeko harri handiak eta irregularrak galtzada harriekin ordezkatu zituzten Lander F. Arroiabe, FOKU Garesko zubi erromanikoa erdi-puntuko zazpi arkuz osatuta dago, eta, simetria erromanikoaren arauei jarraituz, arku handiena erdian dago, eta ibaiaren ertzetan daude arku txikienak. Erdiko arkuak 20 metro baino gehiagoko luzera du, eta hurrengoak pixkana-pixkana txikitzen dira; izan ere, hurrengo biak 17 metro luze dira; atzetik datozenak, 12,5 metro; eta txikienak, berriz, sei metro inguru. Txoriren agurra Kale guztiek zubira daramate. Herriko etxeak zubiaren ondoren eraiki zituztenez, herriko kale nagusia harrizko zubiaren sarreran amaitzen baita. Eraikuntza erromanikoaren jatorrizko egitura oso gutxi aldatu da sorreratik, baina hainbat zaharberritze lan egin dituzte. Lehendabizikoa eta gatazkatsuena 1843an izan zen. Garesko Udalak Jose Nagusia arkitektoa kontratatu zuen zubiko galtzada zabaltzeko; zalgurdiekin zubia gurutzatu nahi zuten herritarrek. Nagusia ibilbide luzeko arkitektoa zen, Nafarroako Foru Aldundiaren jauregiaren planoak egin zituen eta. Berehala baietz esan zion udalaren proposamenari. Nagusiak lanari ekin zion, eta zubia indartzeko planarekin hasi zen. Horretarako, adreiluzko arku handi bat egin zuen herrira ematen duen isurialdean. Arkitektoaren lana ondo zihoan, baina, egun batean, zubiaren erdigunea zabaldu nahian, Txoriren Ama Birjinaren kapera hondoratu zuen; herritarrentzat sakratua zen eraikuntza hori. Elezaharrak dioenez, Txori izeneko hegaztiak zubian zegoen Ama Birjinaren kapera bisitatzen zuen egunero. Mokoan Argako ura hartu, eta Birjinaren aurpegia garbitzen omen zuen Txorik, edo horrela diote XIX. mendeko kronikarien testuek. Erromes bat, Garesko zubia zeharkatzen. Idoia Zabaleta, Foku Kondaira horren eragina oraindik nabaritzen du Itziar Imaz Garesko alkateak: «Herrian badago jendea Txori benetakoa zela dioena, eta kale asko daude Txori deitzen direnak; haurtzaindegia Txori deitzen da. Herriaren kondaira propioa da». Hondoratutako kapera Santiago parrokiara lekualdatu zuten, eta gaur egun ere bertan dago. Hala ere, txoriak ez zuen berriro bisitatu zubia. Herritarrak haserretu egin ziren hainbeste maite zuten txoria ez zelako itzuli, eta Jose Nagusia arkitektoak proiektua erabat utzi behar izan zuen. Txoriren kaperaz gain, zubiak harrizko bi dorre zituen ibaiaren bi muturretan, baina Lehen Karlistaldian ia guztiz suntsitu ziren. Hurrengo zaharberritze lanak ez ziren hain gorabeheratsuak izan; zubiaren zoladura 1989an aldatu zuten, eta XI. mendeko harri handiak eta irregularrak galtzada harriekin ordezkatu zituzten. Hamar urte geroago, 1999an, Garesko zubiaren sekretua deskubritu zuten herritarrek. Garesko Udalak indusketa lanak egin zituen kale nagusian, ur kanalizazioa hobetzeko asmoz. Kalea zulatzean, espero ez zuten zerbait aurkitu zuten: arku bat. 900 urteren ondoren, ezkutatuta zegoen arku bat aurkitu zuten, eta ibaiaren beste aldean, haren bikotekidea. «XI. mendean eraikitako arkuak aurkitu genituen, lurperatuta. Horrela, zazpi arkuko zubi bihurtu zen», esan du alkateak. Urtebetetze berezia Zazpi arkuren gainetik ibiltzen dira ia 65.000 erromes urtero, Garesko turismo bulegoko datuen arabera. Batez ere maiatzetik urrira pilatzen dira turista gehien herriko zubi gainean, alkatearen arabera: «Zubia da gehien bisitatzen duten lekua, bertan topo egiten baitute Donejakueko bi bideek: Nafarroako ibilbideak eta Frantziako ibilbideak. Donejakue bideko gune turistikoenetako bat da Garesko zubia». Erromesek Garesko zubiaren historia ezagutzea «ezinbestekoa» dela esan du herriko alkateak, eta, horregatik, turismoko bulegoa zubiaren parean dago, ateak beti irekita eta erakusketa iraunkorrez beteta. Korrika zubia zeharkatzen, 2017an. Iñigo Uriz, FOKU Bisitariak motxila handiekin ibiltzen dira kaleetan barna, herriko izenei behatuz eta kale nagusiko harrizko bidetxoari jarraituz. Haren amaieran, adreiluzko arkuarekin egiten dute topo, Garesko zubiaren atariarekin. Aho zabalik geratzen diren erromes horietako askok herriko jatetxeetan bazkaltzen dute gero, eta ostatuetako oheetan lo egin. «Turismoak onura asko ekarri dizkigu, merkataritzan batez ere. Ez dugu gaizki ikusi, lagungarria baita guretzat», alkatearen esanetan. Iaz 900 kandela piztu zituzten garestarrek, eta programazio berezia prestatu zuten, musikarekin, janariarekin eta kirolekin josia. Ospakizunak 1122. urtea izan zuen oinarri, Alfontso I.ak Lizarrako forua Garesi eman zionean, hain zuzen ere. Ekitaldiz betetako urtea izan zen 2022a, Imazen arabera: hitzaldiak, antzerki emanaldiak eta bisita gidatuak antolatu zituzten, zubiaren historia txikienei eta bisitariei kontatuz. Ospakizuna herriko jendeak antolatu zuen, zubiaren historia eta haren mitoak bizirik mantentzeko: «Zubiaren historia ezagutzen ez zutenak jakin-minez etortzen ziren», esan du alkateak. Aurten ere Jazz Zubipean emanaldia antolatu dute herrian; Garesko zubian elkartzen dira herritarrak eta turistak, jazz musikaz gozatzeko. Musika entzuten duten bitartean, izar iheskorren batek zeharkatzen du gaueko zerua batzuetan, jaialdia abuztuan antolatzen baita, Pertseiden garaian. Ekitaldiak antolatzerakoan, zubi erromanikoa «beti» presente dago, Imazen arabera, eta ospakizunen protagonista da askotan: «Zubia gure esentziaren zati oso garrantzitsua da». Bihar: Santiago zubia, Irunen (Gipuzkoa).
2023-8-31
https://www.berria.eus/albisteak/232276/langile-bat-hil-da-zarauzko-lantegi-batean.htm
Ekonomia
Langile bat hil da Zarauzko lantegi batean
Istripu ez-traumatiko batengatik hil zen. LABen arabera, aurten Euskal Herrian lanean hil den 33. langilea da.
Langile bat hil da Zarauzko lantegi batean. Istripu ez-traumatiko batengatik hil zen. LABen arabera, aurten Euskal Herrian lanean hil den 33. langilea da.
Zarauzko (Gipuzkoa) Elesa Transformadores enpresako 47 urteko langile bat zendu atzo, lanean ari zela istripu-ez traumatiko bat izan ostean. LAB sindikatuak adierazi duenaren arabera, ondoezik sentitu zen, eta larrialdi zerbitzuak «denbora luzez» langilea suspertzen saiatu ziren, baina ez zuten lortu. Sindikatuak egin ohi duen zenbaketaren arabera, aurten 30 pertsona hil dira lanean ari zirela Euskal Herrian (zazpi Araban, bost Bizkaian, hamar Gipuzkoan, sei Nafarroan eta bi Ipar Euskal Herrian). Beste hiru euskal herritar Euskal Herriko mugetatatik kanpo hil dira.
2023-8-31
https://www.berria.eus/albisteak/232277/salatu-dute-eraso-matxista-laquolarriaraquo-gertatu-dela-bakion.htm
Gizartea
Salatu dute eraso matxista «larria» gertatu dela Bakion
Atzo izan zen erasoa, eta udalak martxan jarri du protokoloa. Legorretako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak salatu dute herri horretan ere sexu jazarpeneko kasu bat egon dela eta badela denbora bat gertatzen ari dela.
Salatu dute eraso matxista «larria» gertatu dela Bakion. Atzo izan zen erasoa, eta udalak martxan jarri du protokoloa. Legorretako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak salatu dute herri horretan ere sexu jazarpeneko kasu bat egon dela eta badela denbora bat gertatzen ari dela.
Bakioko Udalak (Bizkaia) protokoloa martxan jarri du, herrian eraso matxista «larri» bat egon delako. Azaldu duenez, emakumeari atzo egin zioten eraso, jaietarako jarritako txosna eremutik kanpora. Udalak «errespetua» eskatu du emakumearentzat. Gertatutakoa gaitzesteko protesta egin zuten atzo. Halaber, Legorretako Udalak (Gipuzkoa) ere sexu jazarpeneko kasu bat salatu du; adierazi duenez, bada denbora bat gertatzen ari dela. Biktimari babesa erakustearekin batera, gogorarazi du ez dela kasu bakan bat: «Erasoa ez da kasu bakan bat; emakumeen aurkako egiturazko indarkeria baten barruan ulertu behar den indarkeria matxistaren beste adierazpen bat da». Udalak bat egin du talde feministak biharko deitu duen mobilizazioarekin: herritarrak 19:00etan batzera deitu dituzte, herriko plazan. Gipuzkoako Foru Aldundiak ere egin du gaitzespena. Legorretako kasua «gogorki salatu eta arbuiatu» du, adierazpen baten bidez. Aldi berean, «elkartasun osoa eta babesa» erakutsi dizkio andreari.
2023-8-31
https://www.berria.eus/albisteak/232279/zazpi-orduz-blokeatuta-egon-dira-a-15-autobidea-eta-n-1-errepidea-villabonan-izandako-istripu-batengatik.htm
Gizartea
Zazpi orduz blokeatuta egon dira A-15 autobidea eta N-1 errepidea, Villabonan izandako istripu batengatik
Kamioi bat gurutzatuta geratu da A-15 autobidean, Oindolar tunelean. Bi noranzkoetan itxi dute errepidea, eta pilaketak eragin ditu A-15 autobidean zein N-1 errepidean.
Zazpi orduz blokeatuta egon dira A-15 autobidea eta N-1 errepidea, Villabonan izandako istripu batengatik. Kamioi bat gurutzatuta geratu da A-15 autobidean, Oindolar tunelean. Bi noranzkoetan itxi dute errepidea, eta pilaketak eragin ditu A-15 autobidean zein N-1 errepidean.
Hamar kilometrorainoko auto ilarak eragin ditu A-15 autobidean kamioi batek izan duen istripuak. Leitzarango autobidearen hasieran gertatu da ezbeharra, Villabona-Amasako (Gipuzkoa) Oindolar tunelean. Inor ez da zauritu, baina bi noranzkoetan itxi behar izan dute errepidea. Azken asteetan errepidean egiten ari diren obrengatik tunel bera erabiltzen dute bi noranzkoetan doazen ibilgailuek. 19:40an lortu dute kamioia kendu eta bidea garbitzea, baina 20:00etan, oraindik ere buxatuta zeuden bideak. Auto ilarak eragin ditu A-15 autobidean zein N-1 errepidean, tunela bi autobideen elkargunetik hurbil baitago. Donostiarako noranzkoan Urnietaraino (Gipuzkoa) iritsi dira pilaketak, eta Iruñerakoan, Nafarroako mugaraino. Bestalde, N-1 errepidean Donostiako nonazkoan ere pilaketak daude Irura (Gipuzkoa) pareraino. Nafarroatik Donostiarantz doazen ibilgailuak GI-2130 errepidetik joanarazten ari dira, Berastegin barrena. Iruñerantz doazenak, berriz, A-1 autobidetik, Etzegarateko mendatetik. Desbideraketen ondorioz, pilaketak sortu dira Berastegitik Tolosara doan GI-2130 errepidean ere. Segurtasun sailak arratsalde erdialdean ohartarazi du bidea garbitzeko lanek «luze» joko dutela. Ordu horretan, bost kilometroko auto ilarak zeuden N-1 errepidean Irungo noranzkoan Irura eta Tolosa inguruetan. N1 errepidean, baina Gasteizko noranzkoan, kilometro eta erdi ingurukoak Lasarte aldetik eta, A-15 autobideetan, Urnieta aldetik iritsita, hiru kilometrokoak. Azkenean, 19:40an kendu dute kamioia, eta garbitu dute bidea. Pixkanaka desblokeatu da bidea, baina 20:00etan, oraindik ere bi kilometroko auto ilarak zeuden N-1ean Gasteizko noranzkoan, eta zazpi kilometrokoak Donostiara bidean. A-15ean, berriz, sei kilometro ilarak izan dira ordu horretan. Agur ingurabideari N-1etik Andoaingo hegoaldeko aldera sartzeko bidean egokitze lanak egiten ibili dira abuztuan, eta trafikoa desbideratzeko ingurabide bat ezarri zuten hilabete hasieran. Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, gaur gauean kenduko dute azpiegitura hori, eta errepidea normaltasunera bueltatuko da. Lanen ondorioz, debekatuta egon da 3,5 tona baino gehiagoko kamioiek egunez bertatik zirkulatzea, baina bihartik aurrera debeku hori ere bertan behera geratuko da.
2023-8-31
https://www.berria.eus/albisteak/232280/elikagai-ekoizleek-5000-produkturen-prezioak-izoztuko-dituztela-hitzeman-diote-parisi.htm
Ekonomia
Elikagai ekoizleek 5.000 produkturen prezioak izoztuko dituztela hitzeman diote Parisi
Elikagaien ekoizle eta banatzaile gehienekin prezioak ez igotzeko akordio batera iritsi da Le Maire Ekonomia ministroa, baina Unilever, Nestle eta Pepsico ez daude ados
Elikagai ekoizleek 5.000 produkturen prezioak izoztuko dituztela hitzeman diote Parisi. Elikagaien ekoizle eta banatzaile gehienekin prezioak ez igotzeko akordio batera iritsi da Le Maire Ekonomia ministroa, baina Unilever, Nestle eta Pepsico ez daude ados
Bi eguneko bilera eta eztabaiden ostean, Bruno Le Maire Frantziako Ekonomia ministroak France 2 telebista katean iragarri du akordio batera iritsi dela elikagaien ekoizle eta banatzaileekin, 5.000 produktu baino gehiagoren prezioak izozteko. EFEren arabera, supermerkatuetako produktuen laurdenak dira. Prezioek gora ez egiteko helburua du akordioak, eta ahal bada, behera egiteko; Le Mairek adierazi du inflazioaren erritmo bizia apaldu behar dela, eta jaki ekoizle eta banatzaile handiak kritikatu ditu, elikagaien prezioak merkatzeko «gehiago» egin dezaketela adieraziz. Akordioa, baina, ez du elikagaien industriako enpresa guztiekin lortu, Unilever, Nestle eta Pepsico erraldoiak ez baitaude ados neurriarekin. Elikagaien inflazioa adierazle orokorra baino handiagoa da Frantzian, abuztuan behera egin badu ere. Insee Frantziako Estatistika Institutuaren arabera, Frantziako inflazio tasa %4,8koa da abuztuan, baina, elikagaiei dagokienez, tasa %11,1ekoa da (uztailean %12,7koa zen).
2023-8-31
https://www.berria.eus/albisteak/232281/benfica-inter-eta-salzburg-realaren-aurkariak.htm
Kirola
Benfica, Inter eta Salzburg Realaren aurkariak
D multzoan aritzea egokitu zaio Imanol Alguacilen taldeari. Txapelketa irailaren 19-20an hasiko da, eta bihar argituko da egutegia.
Benfica, Inter eta Salzburg Realaren aurkariak. D multzoan aritzea egokitu zaio Imanol Alguacilen taldeari. Txapelketa irailaren 19-20an hasiko da, eta bihar argituko da egutegia.
Argitu da zein aurkari izango dituen Realak aurtengo Txapeldunen Ligako multzoen fasean. D multzoan arituko da talde txuri-urdina, Benficarekin, Milango Interrekin eta Salzburgekin. Multzoen fasea irailaren 19-20an hasiko da, eta bihar jakingo du egutegia Realak. Beraz, zale txuri-urdinek bihar arte itxaron beharko dute bidaiak erreserbatzen hasteko. Zozketako laugarren ontzian zegoen Reala, eta, beraz aurkari gogorrak izatea espero zen. Baina, azkenerako, zortea izan du. Izan ere, Bayern Munich, PSG, Manchester City eta beste talde batzuei ihes egin die. Gertu izan du multzorik gogorrenean egotea, F multzoan, PSG, Dortmund eta Milanekin batera, baina, azkenerako, D multzoan dago. Benfica Roger Schmidtek zuzentzen du, eta jokalarien artean Di Maria, Nicolas Otamendi, Gonçalo Guedes eta Rafa Silva nabarmendu behar dira. Aurreko sasoian Portugalgo liga irabazi zuen, eta Txapeldunen Ligan, hain zuzen ere, Milango Interrek kanporatu zuen final-laurdenetan. Nabarmendu behar da multzoen fasean lehen postuan sailkatu zela, PSGren eta Juventusen aurretik. Milango Inter klasikoetako bat da Txapeldunen Ligan. Aurreko sasoian finalera iritsi zen, eta Manchester Cityren aurka galdu zuen: 1-0. Hiru aldiz irabazi du Txapeldunen Liga: 1964an, 1965ean eta 2010ean. Lehen bietan, Europako Kopa deitzen zitzaion. Simone Inzaghik zuzentzen duen taldea izarrez beteta dago: Lautaro Martinez, Alexis Sanchez, Benjamin Pavard, Joao Mario, Mkhitaryan... Salzburg gazteez osatutako taldea da, eta aurreko denboraldian multzoen fasean geratu zen Txapeldunen Ligatik kanpo. Milan eta Chelsea sailkatu ziren aurretik. Europa ligan, final-hamaseirenetan geratu zen kanpoan. Erromak irabazi zion.
2023-8-31
https://www.berria.eus/albisteak/232282/uribe-kostako-pediatria-zerbitzuaren-prekaritatea-salatu-dute-gorlizko-eta-plentziako-gurasoek.htm
Gizartea
Uribe Kostako pediatria zerbitzuaren «prekaritatea» salatu dute Gorlizko eta Plentziako gurasoek
Pediatria zerbitzu duina aldarrikatzeko, elkarretaratzera deitu dute biharko; Plentziako osasun zentroaren aurrean bilduko dira, 13:00etan.
Uribe Kostako pediatria zerbitzuaren «prekaritatea» salatu dute Gorlizko eta Plentziako gurasoek. Pediatria zerbitzu duina aldarrikatzeko, elkarretaratzera deitu dute biharko; Plentziako osasun zentroaren aurrean bilduko dira, 13:00etan.
Gorlizko eta Plentziako (Bizkaia) gurasoek Uribe Kostako pediatria zerbitzuaren «prekaritatea» salatu dute. Azaldu dutenez, urtean zehar askotan ez da zerbitzu hori bermatzen Barrikan, Gorlizen, Lemoizen eta Plentzian, «Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ez dituelako medikuen oporraldiak betetzen». Arazoa larriagoa da udan, udalerri horietako «biztanle kopurua ugaritu» egiten delako. Egoera horrek seme-alaben osasuna «arriskuan» jartzen duela salatu dute. Gurasoen arabera, arrisku hori agerian geratu zen iragan astean: ama bat 3 urteko haurrarekin joan zen Gorlizko osasun zentrora. Semea zorabiatuta zegoen. Pediatrarik ez zegoenez, erizainak artatu zuen; hark erabaki behar izan zuen beste zentro batera eraman edo ez. Gluzemia proba egin eta gero, hipogluzemia diagnostikatu zion. Azukrea eman, eta haurrak anbulatoriotik alde egin zuen. Etxera bidean, okerrera egin, eta osasun zentrora bueltatu zen. Erizainak berak autoan eraman zituen ama eta semea Plentziako osasun zentrora. Gurasoek azaldu dutenez, hori zen aukera bakarra, Urdulizko ospitaleak ez baitu pediatria zerbitzurik, eta ez baitzuten Gurutzeko ospitalera iristeko denborarik. Hipogluzemia larria zuenez, pediatrak larrialdiko tratamendua eman zion haurrari; gainerako pazienteak, beraz, ez zituen artatu. Ordubetez saiatu ziren haurraren odolean azukre maila normalizatzen, baina ez zuten lortu. Hori dela eta, Gurutzetako ospitalera eraman zuten. Bertako alta txostenak jarraipen pediatrikoa ezarri zuen hurrengo bi egunetan. «Hala ere, haurrari dagokion pediatra ez da lanera itzuliko irailaren erdialdera arte, eta Gorlizko anbulatorioak ez du ordezkorik», salatu dute. Plentzian ordua eskatzea da aukera bakarra. «Baina pediatrak lanaldi murrizketa du, eta hura ez dagoenean, familia mediku bat da kontsulta pasatzen duena, eta bere esku dagoena egiten du». «Icebergaren punta» Gertakaria ez da salbuespena: «Ez da gertaera bakartu bat, icerbergaren punta da». Izan ere, gurasoek gogoratu dute Osakidetza Plentziako pediatria zerbitzua kentzen saiatu zela behin. Herritarren presioak eta mobilizazioek, hala ere, hori eragotzi zuten. Pediatria zerbitzu duina aldarrikatzeko, elkarretaratzea egingo dute bihar Plentziako osasun zentroaren aurrean. 13:00etan egingo dute, eta Osakidetzari eskatuko diote Gorlizko eta Plentziako pediatria zerbitzua urte osoan zehar ziurta ditzan, «pediatriako langile guztien bajak, lanaldi murrizketak eta oporraldiak betez».
2023-9-2
https://www.berria.eus/albisteak/232283/mugaren-loturak.htm
Bizigiro
Mugaren loturak
Irun eta Hendaia lotzen dituzte biek. 36ko gerran ihesbidea eta kontrabandorako lekua izan zen lehena; Frantziara iritsi nahi duten migratzaileen joan-etorrien testigu da gaur egun bigarrena.
Mugaren loturak. Irun eta Hendaia lotzen dituzte biek. 36ko gerran ihesbidea eta kontrabandorako lekua izan zen lehena; Frantziara iritsi nahi duten migratzaileen joan-etorrien testigu da gaur egun bigarrena.
Urrun zein gertu egon daitezkeen bi puntu lotzeko balio dezakete zubiek. Nahiz eta batzuetan, lotzeko funtzioa baino gehiago, banatzeko funtzioa duten. Horrelako zerbait gertatzen da Irungo (Gipuzkoa) Etorbidearen zubiarekin eta Santiago zubiarekin. Irun eta Hendaia (Lapurdi) arteko bidea egiten dute biek. Hendaiako zatia itxia du Etorbidearenak, eta Santiagokoan, berriz, orain gutxi arte migratzaileen aurkako kontrolak egiten ziren. Irungo Udalaren egitasmoa izan zen Etorbidearen zubia eraikitzea, XX. mendearen hasieran. Bidasoa ibaiaren bi ertzen arteko komunikazioa hobetzea zen helburua. Zubia eraiki aurretik, Behobian zegoen pasabide batetik igaro behar izaten zuen jendeak alde batetik bestera, baina bidea luzea zen. Gabarra bidez ere egin zitekeen bidea; Cashimiraren bidea deitzen zitzaion bide horri. Gabarra eramaten zuen emakumeren izena zen Cashimira, eta hortik zetorren izena. Zubi bat eraikitzeko ideia mahai gainean zegoen arren, ez zen erraza izan hura eraikitzea. Aitor Puchek urteak daramatza Irungo historia aztertzen. Haren hitzetan, udalaren proiektua eta zubia eraikitzeko gogoa hor zeuden, baina «oztopoz betetako» prozesua izan zen. Etorbidearen zubia. Jon Urbe, Foku ETORBIDEAREN ZUBIAREN FITXA Luzera: 132 metro. Zabalera: 11 metro. Irekiera: 1915ean oinezkoentzat, 1917an ibilgailuentzat, eta 1918an irekiera ofiziala. Lanak 1913. urtean hasi ziren, baina, Lehen Mundu Gerraren ondorioz, asko moteldu ziren. Izan ere, garai hartan ekoizten zen altzairuaren zati handi bat gerrarako bideratzen zuten. Beraz, zubia eraikitzeko beharrezkoak ziren lehengaiak, altzairua tarteko, ez ziren iristen. Hiru zatitan inauguratu zuten zubia. Etorbidearen zubia izena jarri zioten, Irun etorbidearen amaieran eraiki zutelako. Lehenengo inaugurazioa 1915eko azaroaren 5ean izan zen, eta oinezkoentzat soilik ireki zuten. Bigarren inaugurazioan, 1917ko otsailaren 20an, ibilgailuei zubia igarotzeko baimena eman zieten. 1918ko azaroaren 11n izan zen irekiera ofiziala. Oinezkoen, ibilgailuen eta salgaien pasabidea ireki zen orduan. «Irekiera ofiziala atzeratzearen arrazoia Frantziarenganako errespetua izan zen. Lehen Mundu Gerran zehar eta haren ostean ez baitzegoen ospakizunetarako», aipatu du Puchek. Etorbidearen zubia. Jon Urbe, FOKU Irungo Udalak ordaindu zuen zubiaren eraikuntza, eta, kostuei aurre egin ahal izateko, bidesaria jarri zuten Etorbidearen zubiaren sarreran. Hamar zentimo ordaindu behar ziren igaro ahal izateko. Siseroa deitzen zitzaion jendeak bidesaria ordaintzeaz arduratzen zenari. «Horrelako pasabide batek, bai gizarteari eta baita mugimendu sozialei ere, asko erraztu zien bizitza, egunerokotasunean batez ere», kontatu du Aitzol Arroyo historialariak. Gaur egun, Irungo Udaleko Memoria Historikoko teknikaria da. Bizitza errazteko zubia izan zen hori ihesbide bilakatu zen urteen poderioz. 36ko gerra uztailaren 17an hasi zen, eta, abuztu amaierarako, tropa frankistak San Martzial mendia pasatuta zeuden jada. Hori ikusita, Irungo alkateak gizarte zibila ebakuatzeko agindu zuen. Exodoa 1936ko abuztuaren 30aren eta irailaren 5aren artean, Irungo herritarrek, eta baita Gipuzkoako beste herri batzuetakoek ere, Etorbidearen zubia igaro zuten, Ipar Euskal Herrira ihes egiteko asmoz. Pucheren esanetan, oso herri ezkertiarra zen Irun, eta horregatik egin behar izan zuen ihes jendeak. Egun gutxitan, biztanleriaren bi herenek egin zuen ihes. 18.500 biztanle inguru ziren guztira, 7.700 bat geratu ziren herrian. Bonbardaketek eta suteek erabat suntsituta utzi zuten Irun. Urteek aurrera egin ahala, eta 36ko gerra amaitutakoan, jendea, pixkanaka bazen ere, bere bizitokira itzultzen hasi zen. «Biztanleria osoa ez zen berreskuratu 1950eko hamarkadara arte », azaldu du Arroyok. Gerraostean, herrian oinarrizko elikagaietako asko garesti zeuden, eta jendeak Hendaiara joan behar izaten zuen haiek erostera. Bide batez, kontrabandoari ere ekin zioten askok. «Etorbidearen zubiak bi irakurketa ditu: tragikoa, 36ko gerran izandako ihesaldi masiboarengatik; baina badu irakurketa bihurri bat ere, irundarrek izugarrizko abilezia garatu baitzuten kontrabandorako», esan du Puchek. Ogi zuria, kafea, azukrea, olioa, Duralex plater eta edalontziak... ziren, besteak beste, kontrabandoan Ipar Euskal Herritik pasatzen zituzten elementuak. Maila txikian egiten zen kontrabandoa zen hori. Eta bazen maila handiagoan egiten zenik, trenen bidez hain zuzen. Wolframa zen, gehienbat, kontrabandorako erabiltzen zen materiala. «Sinatutako akordioen bidez egiten zen kontrabandoa» da hori Pucherentzat. 1986an Espainia Europako Batasunean sartu zen arte jarraitu zuten herritarrek kontrabandoan. Etorbidearen zubia, puntu estrategikoa zenez, presoen trukerako lekua izan zen 36ko gerran zehar eta haren ondoren. Adibidez, asteartean 83 urte bete ziren frankistek Luis Companys, Generalitateko presidente izan zena, naziek okupatutako Frantzian atxilotu eta frankistei entregatu zietela. 1966an ireki zuten Santiago zubia, Etorbidearen zubiaren alboan. «Santiago zubia autoentzako egin zen; autoen joan-etorria arinagoa izateko», gehitu du Puchek. Lau bide ditu guztira: noranzko bakoitzerako bi. Hasieran, ibilgailu pisutsuek Etorbidearen zubitik igarotzen jarraitzen zuten. Arroyorentzat, garai hartako beharrek eragin zuten Santiago zubiaren eraikitzea: «Turismoa eta ekonomia suspertu nahi ziren, eta nazioartekotzeko behar horri erantzuten zion zubi berriak». Santiago zubia. Jon Urbe, Foku SANTIAGO ZUBIAREN FITXA Luzera: 112 metro. Zabalera: 16 metro. Irekiera: 1966ko irailaren 12an. Istorioz jositako zubia da Etorbidearena, eta Arroyok pena du Irungo belaunaldi gazteenek ez dutelako haren historia ezagutzen. Horregatik, lanketa berezi bat egin zuen Irungo Udalak, herriko ikastetxeekin. «Beti kanpora joateko ohitura dugu, Auschwitzera edo, historia ezagutzeko, hemen zer gertatu zen jakin gabe», salatu du. 2018az geroztik, asko dira Ipar Euskal Herrira joateko asmoz Irunera iristen diren migratzaileak. Europan sartu ahal izateko, Greziako eta Italiako bideak itxi zizkieten etorkinei, eta Frantziara iristeko beste bide batzuk erabiltzen hasi ziren. Santiago zubia igaroz, adibidez. 2018an, ezagun batzuen bitartez izan zuen Irunera iritsi ziren lehen etorkinen berri Ion Arangurenek, Irungo Harrera Sareko kideak. Kalean egiten zuten lo, eta Arangurenek eta lagun batzuek lagundu egin nahi izan zieten. Gosari bat antolatu zuten etorkin haientzat, euren oinarrizko beharrak asetzeko asmoz. Uztaileko akten ostiralean antolatu zuten gosaria, udaletxe azpian, udaleko osoko bilkurarekin bat eginez. «Hedabideak politikarien zain zeuden, eta gu topatu gintuzten udaletxe azpian. Inguruko hedabideetan agertu zen gure egitasmoa, eta oihartzuna lortu genuen», oroitu du. Geroztik, egunero, 10:00etatik 12:00etara, Irungo San Juan plazan elkartzen dira Harrera Sareko kide batzuk, migratzaileei oinarrizko informazioa eta laguntza emateko asmoz. «Baionara iristeko informazio oinarrizkoa ematen diegu: nondik joan daitezkeen, non egoten diren kontrolak... arropa edota jatekoa behar badute ere ematen diegu», aipatu du. Hasierako urteetan, Parisera bideratzen zituzten etorkinak, baina gaur egun Baionara iristen laguntzen diete, bertan aterpetxe bat baitago. Santiago zubia. Jon Urbe, FOKU Kontrolak Aurten 2.500 bat pertsona pasatu dira Harrera Saretik. Plataformako kideek bide seguruak zeintzuk diren erakusten diete etorkinei. «Santiago zubia eta albokoak dira, nahiz eta batzuk oinezkoentzat ez izan, Ipar Euskal Herrira iristeko bide seguru bakarrak», gehitu du Arangurenek. Izan ere, etorkinak ez dira soilik Santiago zubia igarotzen iristen, trenbideko zubia pasa duenik ere bada. Aurten bost lagun hil dira Bidasoa ibaia gurutzatu nahian, beste batek bere buruaz beste egin du, eta hiru lagun hil dira trenak harrapatuta. Gaur-gaurkoz ez da kontrolik egiten Santiago zubian bertan. Iazko abendura arte, eguneko 24 orduetan egiten ziren kontrolak. «Oso irudi itsusia da Polizia kontrol arrazistak egiten egotea zubian», esan du Harrera Sareko kideak, eta, haren ustez, horregatik kendu zituzten. Hala ere, kontrolek hor jarraitzen dute, Hendaian bertan egiten baitira. Migratzaileak harrapatzen badituzte, Irunera itzultzera behartzen dituzte, eta beranduago saiatzen dira berriro. Katuaren eta arratoiaren jokoa da Arangurenentzat. «Kontrol arrazistek bi gauza lortzen dituzte: batetik, sufrimendua handitzea; bestetik, migratzaileak bide alternatiboak hartzera behartzea», esan du. Migratzaileek Ipar Euskal Herrira iristeko duten beharraz baliatuz, bada migratzaileak beste bide batzuetatik eramaten dituztenak, hori bai, diruaren truke. Horiek bide arriskutsuak direla azpimarratu du Arangurenek. Etorbidearen zubiari dagokionez, Hendaiako aldea itxia du Frantziako Gobernuak. Charlie Hebdo-ren kontrako atentatuaz geroztik, Frantziak bere mugak kontrolatzeko baimena eskatu zion Europako Batasunari, terrorismoaren aurkako neurri gisa. Duela hilabete batzuk, Frantziako Tourra zela eta, zubia ireki egin zuten, baina uztailaren 4an berriro itxi zuten. Arangurenentzat, Etorbidearen zubia itxita egotea «ez da oztopo fisiko bat, politikarien borondatearen erakusgarri baizik».
2023-8-31
https://www.berria.eus/albisteak/232284/etorkizun-ahula-iragarri-du-europako-banku-zentralak.htm
Ekonomia
«Etorkizun ahula» iragarri du Europako Banku Zentralak
EBZk uste du «diru politika aski murriztailea» beharrezkoa dela inflazio tasa %2ra itzultzeko
«Etorkizun ahula» iragarri du Europako Banku Zentralak. EBZk uste du «diru politika aski murriztailea» beharrezkoa dela inflazio tasa %2ra itzultzeko
EBZ Europako Banku Zentralak iragarri du Euroguneko ekonomia espero baino «ahulago» haziko dela, ekainean egin zituen aurreikuspenekin alderatuta. Hala azaldu du ostegunean Isabel Schnabel EBZko kontseilari exekutiboak: «Diru murrizte handiko urtebetearen ostean, Eurogunerako ditugun aurreikuspenak ziurgabe izaten jarraitzen dute». Hala, badirudi irailean egingo dituzten aurreikuspen ekonomikoak okertu egingo dituztela. Hala ere, Schnabelek adierazi du atzeraldi luze bat ukatzen duten adierazleak daudela. Krisi handi bat baztertuta, interes tasei goian eustearen aldeko mezua zabaldu du, inflazioa %2koa izan dadin berriz. Interes tasen igoerari buruz ere hitz egin du Schnabelek, eta EBZk uztailean adierazi zuena errepikatu du: baliteke EBZren hurrengo bileran (irailak 14) interes tasak igotzea edo ez, baina tasak ez igotzeak ez du esan nahi hurrengo bileran igoko ez direnik. «Ezin dugu jakin interesen gehienezko maila zenbatekoa izango den, ezta politika murriztaileek noiz arte iraungo duten ere», esan du.
2023-8-31
https://www.berria.eus/albisteak/232285/donostia-1813ko-abuztuaren-31n-sarraskia-eta-bortxaketak-zergatik.htm
Iritzia
Donostia 1813ko abuztuaren 31n. Sarraskia eta bortxaketak zergatik?
Donostia 1813ko abuztuaren 31n. Sarraskia eta bortxaketak zergatik?.
Sarraski eta hondamendi izugarri hura, etxe guztiak (600) lapurtuak, 500 etxe banan-banan propio kiskalita, neska, emakume eta amona guztiak bortxatuak, mila bat donostiar erailak (Auñamendi), 1.600 Donostiako familia lur jota... Donostian, hamar mila biztanleko hiria garai hartan, 300 donostiar bakarrik gelditu ziren. 1813ko Donostiako genozidioa Castaños jeneral espainiarrak agindu zuen garaiko dozenaka donostiarrek aitortu zuten bezala, eta espainiarren aliatuek, alegia, ingelesek eta portugesek burutu zuten. 124 urte beranduago Francok antzeko zerbait egin zuen Gernikan. «Gorriek» bonbardatu omen zuten Gernika... Baina, zein dira arrazoiak Donostiako aurreikusitako sarraskia agintzeko 1813an? Urte batzuk lehenago, 1789an, iraultza hedatu zen Frantzian, «Liberte, Egalite, Fraternite», Luis XVI. borboiari gillotinan lepoa moztu ostean 1793ko urtarrilaren 21ean eta Europako monarkia absolutista guztiak gerran jarri ziren Frantziaren aurka, tartean Espainia. Iraultzaileek borrokatzen omen ziren errege absolutista eta tiranoen aurka, herrien eta jendearen askatasunaren alde. Konbentzioko gudan armada iraultzailea (ehun mila soldadu), Euskal Herrira heldu zen 1794an, Iparraldean Foru Zaharrak suntsitu zituzten frantziarren berdintasunaren izenean eta «oso frantsesak» ez omen ziren lau mila euskaldun Landetaratu zituzten, «euskara baizik ez zekiten haiek», beren ondasun guztiak konfiskatu eta saldu. Bizirik irten zirenak itzuli zirenean kale gorrian utzi zituzten ezer gabe, mila eta bostehun hildako izan omen ziren, Sara ingurukoak gehienak. 1794ko abuztuan Hendaia eta Irunera heldu zen Frantziako armada (ehun mila soldadu); muga zaintzen zuen armada espainiarraren buruak, Colomera jeneralak, beldurtuta ihes egin zuen Hernanira, Tolosara eta gero Ebro ibaitik beste aldera, Mirandara, Espainia aldera, Gipuzkoa guztia babesik gabe utzita. Getariatik Espainiako armadako itsasontziek ere ihes egin zuten. Donostia plaza militarra zen Motako gazteluarekin, harresiekin gaur egungo Bulebarrean, kanoiekin eta ihes egin zuten soldaduekin. Mitxelena ospetsua zen alkatea, ikusirik ez zuela inolako aukerarik hiria defendatzeko, Frantziako armada buruarekin (Moncey jenerala) negoziatu eta Donostiako giltzak eman zizkion tirorik bota gabe 1794ko abuztuaren 3an. Donostia frantsesa zen borrokatu gabe. Hondarribia ere. Madrilen, borboien kortean eta Godoy presidenteak traiziotzat hartu zuten, euskaldunok «odolaren azken ttantta isuri behar genuen aberriagatik», Espainiagatik alegia, kontuan hartu gabe armada espainiarraren ihesaldi lotsagabea, jakina. 1794ko abuztuan Gipuzkoako egoera ikusita, Batzar Nagusiak bildu ziren Getarian (46 batzarkide) frantsesekin negoziatzeko. Batzarkideek aldarrikatu zuten Gipuzkoako 1.200. urtera arteko independentzia, Foruak, erlijioa, ondasunak errespetatzea eta frantses armadan ez borrokatzea besteen artean. (Dokumentu originalak Foru Aldundian zeuden kutxa batean zigilatuta, baina desagertuak omen daude). Iraultzaile frantsesek ez zuten Independentzia onartu, baina bai Gipuzkoa eranstea Frantziako Errepublikara. Erantzuna izan zen Independentzia aldarrikatzeko botereak zituztela baina ez eransteko Frantziara. Gipuzkoa iraultzaile frantsesa izango zen borrokatu gabe. Abuztuaren 26an, jeneral frantsesek (Pinet eta Cavainac) aspertuta atzeratzeko jarrerarekin, Gipuzkoako 44 batzarkideak atxilotu eta Baionako Ziudadelan amaitu zuten preso, gillotinaren beldur. Gipuzkoako Ahaldun Nagusi ohi Jose Romero eta Joakin Aldamar batzarkidea Donostian utzi zituzten harremanetan jarraitzeko. Egoera ikusirik, Gipuzkoan, Araban, Bizkaian eta Nafarroan (ordezkariak zituzten Getariako negoziazioetan) asko gogortu ziren frantsesen aurkako borrokak, ikusi zutelako ezin zela negoziatu beraiekin. Frantsesek eraso zituzten Ermua, Eibar (114 etxe kiskaliak), Ondarroa, Berriatua, Mutriku, Bergara... Kontraerasoak izan ziren, eta guda asko gogortu zen. Abuztuaren 16an, Donostiako kapitulazioa ere ez zuten errespetatu, Mitxelena alkatea kendu eta hamabi laguneko batzorde bat izendatu zuten, gillotina paratu zuten plaza Berrian jendea beldurtzeko, errepresioa, lapurretak, konfiskazioak, bortxaketak eraginez, jendearen aurka, elizak lapurtu, apaiz, zein moja atxilotu eta Baionara eraman preso. 1794ko udazkena eta negua oso gogorrak izan omen ziren, gainera tifusa eta beste gaitz batzuk zabaldu ziren, jende asko hil, soldaduak ere, noski. Parisen ere aldaketak izan ziren, Errege tiranoen aurka gogor borrokatu baina herrien «askatasuna» defendatu, Robespierren izua baztertu eta iraultzaren alde zeuden herriekin negoziatu eta kolaboratu. Jabetu ziren borrokaren bidez zaila zela euskal lurraldeak konkistatzea, eta, gainera, Parisen interesak aldatu ziren, bakea nahi zuten hegoaldean, tropak Europara eramateko. Katalunian oraindik okerragoa izan zen, Figueres-en, armada espainiarra (hamar mila soldadu) errenditu zen borrokatu gabe eta katalanak bakarrik utzi zituzten frantsesen aurka borrokatzeko, Euskal Herrian bezala. (Gero, mendekuz, Espainiako Gobernuak Figueres eta Roses eraisteko dekretuak sinatu zituen, epaiketak eta heriotza zigorrak). Espainian ere erregea, Carlos IV.a, eta Godoy, egoera oso txarrean zeuden, dirurik gabe beti bezala, gerra, desertzioak, Independentzia aldarrikapenak Katalunian eta Euskal Herrian, ondorioa: negoziatu egin behar zen bakea. Suitzan, Basileako bake ituna negoziatzen hasi ziren Paris iraultzailea eta Madrilgo monarkia absolutista, alde batetik Barthelemy eta bestetik Domingo Iriarte. Euskal Herrian nabarmena izan zen Romero eta Aldamar entziklopedisten eragina aldaketan, borrokatu beharrean, negoziatu egin behar zela Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroako Aldundiekin, nahi izanez gero zerbait lortu, bestela, alternatiba, gerra bortitza zen. 1795eko udaberrian negoziaketak eta giro aldaketak fruituak ematen hasi ziren, apirilaren 20an, Donostiako alkatetza itzuli zioten Mitxelenari, hamabi afrantsesatuen batzorde basatia baztertuz, zigortuz eta indemnizazioak emanez Donostiako kaltetuei. Beste herrietan jatorrizko udalbatzak berreskuratu zituzten ere. Batailak gutxitu ziren, «konfiantza» areagotu zen eta giroa hobetu. 1795eko maiatzaren 10ean, Jose Romerok (Gipuzkoako Ahaldun Nagusia) Donostiako Batzar irekia deitu zuen, zinegotziak eta donostiarrak bildu ziren Parte Zaharreko plaza Berriko udaletxe zaharrean. Frantses Herriaren Ordezkaria zenak, Chaudron Rouseau-k, botereak itzuli zizkion jatorrizko Gipuzkoako Batzar Nagusiei, Getarian 1.200 urtera arteko Independentzia aldarrikatu zuten batzarkideei, alegia, Gipuzkoa Independentea zen 1.200. urtera arte bezala, Nafarroako Erresuman. Donostiako Batzar irekiak aho batez berretsi zituen proposamenak eta indarrean jarri zituzten 1794ko abuztuan Getariako Batzar Nagusiek hartutako erabakiak, Gipuzkoako Independentzia, alegia. Akta sinatu zuten Jose Romero Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak eta Donostiako jatorrizko idazkariak, besteen artean. Gudak jarraitzen zuen, jatorrizko udalak eta Aldundiak berrezarrita, iraultzaile frantsesen armadak konkistatzen jarraitzen zuen oposiziorik gabe, Espainiako armada ihes eginda zegoelako. 1795eko uztailean Bizkaiko Aldundiak kapitulatu zuen Gipuzkoako Aldundiak bezala, eta egun batzuetara Arabako Aldundiak. Gerrako frontea Ebro ibaian kokatu zen. Gerra bukaera 1795eko uztailaren 25ean: Suitzan, Basileako bake ituna sinatu zuten, alde batetik Frantziako Errepublika iraultzaileak eta bestetik Espainiako monarkia absolutistak (Barthelemy eta Domingo Iriarte). Frantziak konkistatutako Hego Euskal Herria (Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroa) saldu zizkion Espainiari, trukean San Domingo (gaur egun Dominikar Errepublika, Haiti) uharte erdia (beste erdia frantsesa zen) ordaindu zion Espainiak Frantziari. Negoziatu zuten ere Espainiak ez zuela errepresiorik erabiliko frantsesen alde kolaboratu zuten euskaldunekin. Armada frantsesa Hendaiara erretiratu zen eta Hego Euskal Herrian armada espainiarra sartu zen 1.200. urtera arteko Independentzia galduz. Espainian, Madrilen, Carlos IV.a, Godoy eta espainiarrentzat, traizio gordina, lurraldea eta odola kosta zitzaiona «Espainia aberriari». Mendekua behar zuen traizio latza, baina ez ziren ausartu urte horietan egiten, armada frantsesa bertan zegoelako. Espainiak hitza jan (beti bezala) eta errepresioa erabili zuen, jakina, ahal izan zutenek, jauntxoek, Romero, Aldamar eta beste asko, ihes egin zuten Frantziara eta harrapatu zituzten guztiak, Mitxelena kasu, epaituak eta zigortuak izan ziren Iruñean, traidoreak bezala. 1808an, Napoleonek engainatuta, bildu zituen Baionan elkarren aurka borrokatzen ari ziren Espainiako borboi erregeak, Carlos IV.a eta bere semea Fernando VII.a. Napoleonek biak espetxeratu zituen eta bere anaia zen Jose Bonaparte izendatu zuen Espainiako errege. Napoleonek Espainiari aurreneko Konstituzioa eman zion, Baionakoa, eta bere anaia Madrilera bidali zuen armada frantsesarekin. Aliatuak (espainiarrak, ingelesak eta portugesak), jeneralak, Castaños eta Wellington, borrokatzen hasi ziren frantsesen aurka Espainiako independentzia gudan; lehen garaipena, Bailen herria. 1812an Cadiz-ko konstituzioa asmatu zuten, Baionako Napoleonena plagiatzen. Sarraskiak egin zituzten populazioaren aurka Badajoz-en eta Ciudad Rodrigon... 1813ko ekainean Gasteiz konkistatu zuten baina ez zuten arpilatu. 1813ko uztailean, aliatuek (espainiarrak, ingelesak eta portugesak), Donostia frantsesa azken bost urtetan, setiatu zuten, bi mila soldatu omen zeuden hirian, kanpoan berriz ehun mila. Aurreneko erasoa uztailaren 25ean egin zuten aliatuek, baina Rey jeneral frantsesak eutsi egin zion eta ehunka soldadu aliatu atxilotu zituen. S. Bizente preso hartu eta aitortu zuten Castaños jeneral espainiarren agindua zutela donostiar guztiak hiltzeko eta Donostia erretzeko. Donostiarrak beldurtu ziren, denek gogoratzen zuten Basileako bake ituna eta San Domingo uhartea betiko galdua zela Espainiarentzat eta ezaguna zen mendeku gosea. Gestioak egin zituzten egia jakin nahian eta Wellingtonen laguntzailea zen Alaba jeneral espainiarrak erantzun zien «ez egiteko kasurik gradurik gabeko soldaduei...». 1813ko abuztuaren 31n, Wellington berak agindu zuen bigarren erasoa eta aliatuek, espainiarrek, ingelesek eta portugesek, Donostia guztia lapurtu, emakume guztiak bortxatu eta etxe gehienak propio kiskali zituzten. Gernikan 124 urte beranduago bezala, Espainiaren mendekuak esplikatzen du Donostiako sarraskia 1813an. Gero, bazterrak nahasteko, «gorriek» su eman omen zioten Donostiari.
2023-8-31
https://www.berria.eus/albisteak/232287/guardia-zibilak-30-lagun-atxilotu-ditu-aingira-trafikoagatik.htm
Gizartea
Guardia Zibilak 30 lagun atxilotu ditu, aingira trafikoagatik
Europol agentziarekin elkarlanean egin dute urte eta erdi iraun duen operazioa, eta atxilotuetako bat Ipar Euskal Herrian bizi den gipuzkoar bat da, Guardia Zibilak jakinarazi duenez.
Guardia Zibilak 30 lagun atxilotu ditu, aingira trafikoagatik. Europol agentziarekin elkarlanean egin dute urte eta erdi iraun duen operazioa, eta atxilotuetako bat Ipar Euskal Herrian bizi den gipuzkoar bat da, Guardia Zibilak jakinarazi duenez.
Espainiako Guardia Zibilak aingira trafikoaren aurkako polizia operazio bat egin du Gipuzkoan. 30 lagun atxilotu dituzte, eta 18 tona aingira konfiskatu dituzte —20 milioi euro baino gehiago balio lezake merkatu beltzean—, Gipuzkoan eta Asturiasen (Espainia) kokatutako hiru «antolakunde kriminal» desegitean. Atxilotuei delitu hauek egozten dizkie poliziak: espezie trafikoa, kontrabandoa, agiriak faltsutzea, eta osasun publikoaren aurkako delitua. Angulekin trafikatzea ere leporatzen diete. Europol agentziarekin elkarlanean egin dute urte eta erdi iraun duen operazioa, eta atxilotuetako bat Ipar Euskal Herrian bizi den gipuzkoar bat da, Guardia Zibilak jakinarazi duenez. Gipuzkoan eta Lapurdin aingira trafikoa egitea leporatzen dio Guardia Zibilak; azaldu du maiatzean Oiartzunen (Gipuzkoa) erregistro «garrantzitsu» bat egin zutela. Operazio hori Europolek 2016an abiatutako Askea IV-Lake polizia operazioaren parte da. Guztira, Europako Batasunean 256 lagun atxilotu dituzte aingira trafikoagatik, eta, guztira, 25 tona aingira konfiskatu dituzte. Donostiako Intxaurrondoko kuartelean egindako prentsaurrekoan, Guardia Zibilak esan du polizia operazioa «ikusgarria» izan dela.
2023-9-1
https://www.berria.eus/albisteak/232288/inaki-quijera-zelarain-1979ko-irailaren-1a.htm
Iritzia
Iñaki Quijera Zelarain. 1979ko irailaren 1a
Iñaki Quijera Zelarain. 1979ko irailaren 1a.
Iñaki lagun maitea, irailaren 1a berriro iritsi da, beste behin, eta gaur 44.a da. Urtero bezala, zure memoria gogoratzen dugu, zure hilketaren zigorgabetasuna salatzen dugu, eta lau haizeetara zabaldu nahi dugu zure borroka zilegi zela, eta dela. Denbora igaro ahala, bere argi eta itzalekin, bizitzeko gogoa nagusitzen da, itxaropena da gure ardatza eta herri honek egunero idazten du bere patua, pausoz pauso, eta zailtasun eta inposaketa guztiak gorabehera, azkenean lortuko du bere askatasuna. Bide horretan, Iñaki maitea, eta zu bezala beste ehunka pertsona gure ondotik krudelki kendu zizkigutela gogorarazi nahi dugu, ahotsik gabe utzi zituztela, eta salatu nahi dugu, halaber, krimen horiek egin zituztenek eta haien konplizeek gure artean bizitzen jarraitzen dutela, inpunitate osoz. Gure laguna polizia nazional espainiar batek tirokatu zuen, eta hil egin zuen. Gaur egun lasai-lasai bizi da, eta inork ez dio erantzukizunik eskatzen. Iñakiren delitua? Garai hartako preso eta errefuxiatu politikoei elkartasuna adieraztea. Gure oroimenak 44 urte atzera begiratzen du, atzo, gaur egun bezala, gure herriak borrokan jarraitzen du bere askatasuna, eskubide sozial eta politikoak lor ditzan. Atzo bezala, gaur ere 1978. urtean ezarri zen erregimenaren aurka borrokatzen ari gara, frankismoak bizirik jarraitzen baitu estatuko egitura politikoetan. Oraindik ez dira gai izan frankismoarekin hausteko, Francoren herentzia faxistarekin amaitzeko. Iñaki lagun maitea, inkonformista gaztea izan zinen, eta bidegabekerien aurka borrokatzea aukeratu zenuen. Zoritxarrez, egun tamalgarri hartan, estatuak zure bizitza amaitzea erabaki zuen, 18 urte zenituen, eta bat-batean zure gaztaroa amaitu zuten. Gaur egun oraindik galdetzen diogu geure buruari, zergatik? Zertarako? Pertsona askok izan dute zure amaiera triste bera, atxilotu beharrean, hiltzea erabaki zuten. Gaur egun oraindik zain gaude ea zerbait esaten duten, zergatik erabaki zuten estrategia hiltzaile hura aurrera eramatea, oraindik zain gaude ea barkamena eskatuko duten, hiltzaileak eta haien babesleak epaitu arte zain gaude. Bitartean, hori egin arte, justizia aldarrikatzen jarraituko dugu, gure historia eta kontakizuna idatziz, ekintza kriminal horiek egin eta agindu zituztenak izen-abizenekin salatuz. Gure artean daude eta gure bizitza inpunitate osoz baldintzatzen jarraitzen dute. Errepresiorako tresnek hor jarraitzen dute, gure desioak baldintzatzen dituzte. Uniformeak aldatzen dira, errepresioak aurpegi asko ditu, baina biktimarioak berdinak dira, estrukturak berdinak dira; hori bukatu beharra dago gure herriaren duintasuna errekuperatzeko, eta libre izateko. Zalantzarik gabe, gure herrira ere udaberria iritsiko, Iñaki maitea, zuk eta zu bezala bidean geratu diren ehunka lagunek, gure omenaldia jasoko duzue, gure errekonozimendua izango duzue, gure herriaren alde dena eman duzuenok letra handiz gure oroimenean betirako izango zaituztegu. Irailaren 1 asko pasatu dira, 44 hain zuzen, baina lau haizeetara zabaldu nahi dugu, Iñaki maitea, maite zaitugula. Beti edukiko zaitugula gure bihotzetan, beti. Egun handira arte, lagun maitea. Gora Iñaki!
2023-8-31
https://www.berria.eus/albisteak/232289/zierbena-izan-da-azkarrena-badian-eta-ondarroak-eskuratu-du-zazpigarren-txartela.htm
Kirola
Zierbena izan da azkarrena badian, eta Ondarroak eskuratu du zazpigarren txartela
Gipuzkoako hiru ontzi, Bizkaiko beste hiru eta Galiziakoa bat lehiatuko dira Donostiarrarekin batera igandean. Zierbena, Hondarribia, Orio, Urdaibai, Cabo, Getaria eta Ondarroa sailkatu dira. Isuntza kanpoan geratu da 1,89 segundorengatik.
Zierbena izan da azkarrena badian, eta Ondarroak eskuratu du zazpigarren txartela. Gipuzkoako hiru ontzi, Bizkaiko beste hiru eta Galiziakoa bat lehiatuko dira Donostiarrarekin batera igandean. Zierbena, Hondarribia, Orio, Urdaibai, Cabo, Getaria eta Ondarroa sailkatu dira. Isuntza kanpoan geratu da 1,89 segundorengatik.
Gizonezkoetan ere, aurtengo Kontxako Banderak baditu lehiakideak. Zierbena, Hondarribia, Orio, Urdaibai, Cabo, Getaria eta Ondarroa sailkatu dira sailkapen estropadan, eta igandean Donostiarrarekin batera ariko dira Kontxan. Espero zitekeen emaitza zen lehen seirena. Azken sailkatuarekin zalantza gehiago zeuden; Ondarroa izan da azkenean: 20:38,26ko denbora egin du Antiguako Amak, eta pozarren ziren arraunlariak eta jarraitzaileak estropada amaitu ostean. Kanpoan geratu direnetatik lehena Isuntza izan da. Bi horien arteko lehia espero zen zazpigarren postuan, eta bizkaitarren arteko dema ondarroarrentzat izan da 1,89 segundorengatik. Osertz Aldaik esan du kanporako luzean denbora gehiegi galdu dutela agian, eta gero berreskuratu nahi izan duten arren, egindako lana ez dela nahikoa izan. «Eskura genuen, baina agian ez dugu asmatu», egin du autokritika nabarmen penatuta. Ondarroako arraunlariak kaian, garaipena ospatzen. Andoni Canellada, Foku Zierbena izan da azkarrena Donostiako badian eta 20:01eko denbora egin du. Hamabost segundora utzi du bigarren sailkatua, Hondarribia (+15,05) eta Orio (+15,79). Koska bat beranduago helmugaratu dira Urdaibai (+20,64), Cabo (+31,68), Getaria (+33,34) eta Ondarroa (36,38). Emakumezkoen sailkapen estropada atzo jokatu zen, eta Orio, Arraun Lagunak, Tolosaldea, Zumaia, Hondarribia, Hibaika eta Kaiku sailkatu ziren.
2023-8-31
https://www.berria.eus/albisteak/232290/sepp-kuss-izan-da-espainiako-vueltaren-seigarren-etaparen-garailea.htm
Kirola
Sepp Kuss izan da Espainiako Vueltaren seigarren etaparen garailea
Kussek irabazi du etapa, eta Roglicek eta Vingegaardek denbora atera diete gainerako faboritoei. Jumbo-Visma taldeak bikain gauzatu du Espainiako Vueltaren seigarren etapa, eta eguneko protagonistak izan dira.
Sepp Kuss izan da Espainiako Vueltaren seigarren etaparen garailea. Kussek irabazi du etapa, eta Roglicek eta Vingegaardek denbora atera diete gainerako faboritoei. Jumbo-Visma taldeak bikain gauzatu du Espainiako Vueltaren seigarren etapa, eta eguneko protagonistak izan dira.
Sepp Kussek irabazi du Espainiako Vueltako 6. etapa, bakar-bakarrik eta Pico del Buitreko gailurrean ihes eginda. Estatubatuarrak, azken igoeran atzean utzi ditu Romain Bardet (DSM), Mikel Landa (Bahrain), eta Lenny Martinez (Groupama-FDJ). Jumboren estrategia bikaina izan da, 4 gizon sartu dituzte ihesaldi handi eta kalitate handiko batean, eta lasterketa gogortu dute gainerako liderrak zigortzeko. Kuss izan da indartsuena ihesaldian, eraso askori lasaitasunez erantzunez, eta atzetik Roglicek eta Vingegaardek ere ez dute etsi. Esloveniarrak Remcori eraso egin dio, atzean utzi du eta Vingegaard daniarrarekin batera gora joan da belgikarra zigortuz, eta minutu erdi baino gehixeago atera dio. Liderra, hala ere, Lenny Martinez 20 urteko txirrindulari gaztea da sailkapen nagusian. Helmugarainoko ibilbideak 183.1 kilometro zituen La Vall d 'Uixó eta Javalambreko behatokiaren artean, non Jumbo-Vismako erasoak espero ziren Remco Evenepoel (Quickstep) liderra soken kontra jartzen saiatzeko. Baina ez zegoen hasierako planetan, hain ihesaldi handi bat gertatzea, eta tropeleko igotzaile nagusietako batzuk bertan egotea, besteak beste, Santiago Buitrago (Bahrain Victorious) eta Einer Rubio (Movistar) kolonbiarrak, Sepp Kuss (Jumbo-Visma), Marc Soler (UAE Team Emirates) eta Mikel Landa (Bahrain Victorious).Bertan egon ez direnak, Ineos Grenadiers taldeko txirrindulariek izan ziren. Ezin izan dute iheslarien gurpila jarraitu eta Geraint Thomasi laguntzeko aukera galdu du. Igoerako lehen kilometroetara iristean, ihesaldia 34 txirrindularietara murriztu da, eta liderraren taldearen aldea 3.40koa zen; horrek esan nahi zuen elastiko gorriaren jabe berria izango zela Evenepoel erasora irteten ez bazen arrakala murrizteko. Buitrago eta Rubio indartsu mantendu dira Pico del Buitreko zatirik zailenera arte, non erasoak hasi diren etapa garaipen baten bila. Gainera, sailkapen nagusiko lehen lekuetara igoera garrantzitsu bat ekarriko zuen garaipenagatik borrokatzea. Ihesaldiak kolpe handia eman duen arren, Evenepoelen taldeak bere erritmoan jarraitu du, eta eguneko sariagatik lehiatzeko bidea eman du, jakinda, oraindik lasterketa asko zegoela aurretik eta iheslarietako batek nekez jar zezakeela zalantzan Quickstep, UAE eta Jumboren arteko borroka. Atzetik joan den taldea lehertuta zegoen, eta Roglicek atzetik jo egin du, Evenepoelen ahulezia erakutsita. Mailua indartsu jo du sailkapen nagusiko liderraren gainean, baina bukaeran denbora tartea murriztea lortu du belgikarrak. Vingegaard Roglicekin elkartu da, eta jaialdiarekin jarraitu dute Jumbo-Vismakoek. Talde horiko bikoteak, 32 segundoren aldea atera diote Evenepoeli, baina sailkapenean atzetik jarraitzen dute. Berdinketa teknikoa sailkapenean, baina kolpe morala Remkorentzat, hauskortasuna erakutsi baitu.
2023-8-31
https://www.berria.eus/albisteak/232291/gorritxoak-konferentzia-ligatik-kanpo.htm
Kirola
Gorritxoak Konferentzia Ligatik kanpo
Osasuna ez da izango Konferentzia Ligako multzoen fasean 0-2 aurreratu da, baina Bruggek, partida berdindu, eta aurrera egin du.
Gorritxoak Konferentzia Ligatik kanpo. Osasuna ez da izango Konferentzia Ligako multzoen fasean 0-2 aurreratu da, baina Bruggek, partida berdindu, eta aurrera egin du.
Osasuna ez da izango gaur Konferentzia Ligako multzoen faseko zozketan. Partida hasieran sufritu eta gero, 0-2 jarri da aurretik Jagoba Arrasateren taldea Bruggen, Mojicaren eta Budimirren golei esker. Baina taldea ondoen zegoenean, bi kolpe jaso ditu ia segidan. Hiru minutuan zapuztu zaio Europako ametsa: 73. minutuaren eta 76.aren artean. Etxeko taldeak bi gol egin ditu Hala, partida berdindu, eta joanekoan Sadarren lortutako 1-2ko garaipenari esker multzoen fasean dago Flandriako taldea. Jagoba Arrasatek aulkian utzi du Aimar Oroz, eta Mojicak jokatu du Juan Cruzen aurretik ezker hegalean. Kanporaketa alde zuela, eta etxean jokatuta, Bruggek oldarkor, arriskatuz eta estutzen ekin dio norgehiagokari, gorritxoen baloi irteeran eta zelai erdian presio estua eginez. Hasi eta berehala izan du lehen aukera. Zinckernagelek baloia jaso du area ertzean, eta haren eskuinkada gora joan da. Lehen abisua izan da, bigarren minutuan. Arrasateren taldeak hainbat baloi galdu ditu zelai erdian lehen minutu horietan, eta hori baliatu du Bruggek Sergio Herreraren atera gerturatzeko. Etxekoen oldarraldiei eutsi ahala, gorritxoak zelaian finkatzen joan dira, eta baloia izaten. Horrek aukera eman die lasaitasun gehiagoz aritzeko. Baina aparteko aukerarik sortu gabe. Bruggek arriskuak hartzen jarraitu du, eta lehiari erritmo bizia jartzen. Ez zuen zerikusirik astebete lehenago Sadarren ikusitako taldearekin, eta aurretik jartzeko bigarren aukera izan du. Vetlesenek atzerako pasea egin du. Vanaken bakarrik zegoen penalti puntuan, eta haren errematea Herrerak atera du. 20. minutua zen. Osasunak handik gutxira erantzun du. Chimy Avilak erremate ona egin du, Budimirren erdiraketa baten ostean, baina Mingoletek kornerrera bidali du. Hor iritsi da gorritxoen gola. Arean jokalari mordoa zegoen, baloia Mojikari iritsi zaio, eta kolonbiarrak area ertzetik egindako jaurtiketa sareetara (27. min.). Brugge hobeto egon arren, kanporaketa berdinduta zuten nafarrek. Flandriarrek berean jarraitu dute. Gakoa zen hurrengo minutuetan golik ez jasotzea. Sufritzeko unea zen. Etxekoek gertu izan dute berdinketa, 42. minutuan Zinckernagelek zutoinera bidali du baloi aretik kanpo egindako jaurtiketa batean. Azken minutu horietan Osasuna atzean sartuta egon zen, baina 0-1 amaitu da lehen zatia.Bigarrena antzera hasi da. Bruggek izan du jokoaren ekimena. Baina berriro ere Osasunak sartu du gola, Budimir izan da oraingoan, 53 minutuan, burukada eder batekin. Peñaren erdiraketa bikaina izan da. Bigarren zatiak nekez izan zezakeen hasiera hoberik. Orozen aukera Osasuna ondo zegoen jarrita berdegunean, eta kontrolpean zuen neurketa. Gainera, Arrasatek Ruben Garcia, Aimar Oroz eta Javi Areso zelairatu ditu taldea freskatzeko. Baina Bruggek gola sartu du 73. minutuan, korner batean. Thiagok erdietsi zuen buruz. 76. minutuuan Olsenek egin du, baloia ateratzerakoan Mojicak egindako akats baten ostean. Osasuna ahalegindu da berdintzen. Neurketako azken jokaldian Aimar Orozek abagune argia izan du, baina ez zen posible izan.
2023-9-2
https://www.berria.eus/albisteak/232311/giza-papilomaren-birusaren-kontra-prebentzioa-eta-txertoa-dira-gakoa.htm
Gizartea
Giza papilomaren birusaren kontra, prebentzioa eta txertoa dira «gakoa»
Munduko gizonen herenek birusa badutela ondorioztatu du ikertzaile talde batek. Eskola sartzetik landa, bosgarren urteko ikasleak txertatzeko kanpaina abiatuko dute.
Giza papilomaren birusaren kontra, prebentzioa eta txertoa dira «gakoa». Munduko gizonen herenek birusa badutela ondorioztatu du ikertzaile talde batek. Eskola sartzetik landa, bosgarren urteko ikasleak txertatzeko kanpaina abiatuko dute.
Nesken afera gisa ikusia izan da luzaz papiloma birusa, umetokiko lepoko minbizia eragin baitezake. Alta, gizonak ere infektatzen ahal dira; are gehiago, haiek transmititzen dute birusa, kasu gehienetan. Hunkituz transmititzen da birusa, harreman sexualak izatean, sustut. Abuztuan, ikertzaile talde batek ondorio latz bat atera du: munduko hiru gizonetarik batek papiloma birusa badu. Arazoari aurre egiteko, Ipar Euskal Herrian ere, eskola sartzetik landa, bosgarren urteko ikasleak txertatzeko kanpaina abiatuko dute Biziki zabaldua da birusa. “Garrantzitsua da ulertzea papiloma birusa biziki zabaldua dela emazteen eta gizonen artean”, erran du Maria Romeo Baionako ospitaleko prebentzio eta txertatze zerbitzuko medikuak. “Erran genezake harreman sexualak izaten hasi orduko birusa harrapatzen dugula. Baina gehiengoak bere baitarik kanporatzen du birusa, urte batez edo biz. Sistema immunitarioa azkarra dutenek erraztasun handiagoarekin kanporatzen dute birusa. Hau da, ongi janez, ongi lo eginez, kirola eginez, birusa kanporatzeko aukerak handiagoak dira”. Romeoren ustez, beraz, prebentzioa hortik hasten da. “Ulertu behar da posible dela eragitea gorputza zainduz”. Harekin bat egin du Garazi Cristobal Urruñako familia medikuak. “Denak kutsatzen gara momentu batean ala bestean. Birusa gure baitan sartzen da, baina arazoa da aktibatzen den ala ez, basa pikota edo herpesa bezala. Lehen sexu harremanetan harrapatzen dugu, eta, maiz, gorputzak bere baitarik desagerrarazten du. Beste kasu batzuetan, ordea, immunitatea jausten delarik, tabakoaren eraginez, estresaren ondorioz, edo immunodepresioa badelarik, aktibatu ohi da. Gerta daiteke birusa lo izatea ere, eta noiztenka aktibatzea”. Gizonak ere bai Birusak neskengan dituen ondorioak biziki dokumentatuak izanik ere, The Lancet Global Health aldizkarian atera duten ikerketan, gizonengan ezarri dute arreta. Ikertzaileen arabera, hala, prebentzio estrategian gizonak sartzea ezinbestekoa da. “Giza papilomaren birusaren prebalentzia handia da 15 urtetik gorako gizonengan, eta gizon sexualki aktiboak infekzioaren gordailu dira. Horiek horrela, gizonak prebentzio estrategian integratu behar dira, birusarekin erlazionatutako eritasunak eta hilgarritasuna murrizteko gizonengan, baita umetokiko lepoko minbizia eta beste gaixotasun batzuk ezabatzea lortzeko ere”. Izan ere, badira ehun bat papiloma birus mota, eta molde desberdinetan garatzen dira gizakiarengan. Papiloma birus batzuek kalitzak eragiten dituzte, eta beste batzuek, kondilomak. Mukosa genitaletako kalitzak dira horiek, eta lesio ttipi batzuk eragiten dituzte; gero, ahoko esferako, uzkiko edo umetokiko lepoko minbizia garatzen dute lesio horiek. Kalitzek mina eragiten ahal dute. Baina kasu gehienetan, papiloma birusa molde asintomatikoan garatzen da, oharkabean. Horregatik, emazteentzat detekzio goiztiarra egitea ezinbestekoa da umetokiko lepoko frotisa eginez. Gizonentzat, haatik, detekzio goiztiarra egiteko proba eraginkorrik ez da. “Halere, aferarik handiena emazteek garatzen ahal dute: umetokiko lepoko minbizia; hori ikusten dugu gehienik. Ezinbestekoa da proba erregularki egitea”, adierazi du Cristobalek. Proben garrantzia Izan ere, probarik egin gabe, umetokiko lepoko minbizia ikusiz eta hunkituz detektatzea ezinezkoa da medikuentzat, eta, ez bada biziki garatua, asintomatikoa da. Horretarako, frotisak erregularki egitearen garrantziaz aritu da Romeo. “Birusa zeluletan garatzen delarik, lesio batzuk eragiten ditu. Lesio horiek antzemateko frotisak egin behar dira urtero, 25 eta 65 urte artean”. Batez beste, lesioak minbizi bilakatzen ahal dira hamar bat urte barne. “Erregularki segitua den emazte batek aukera aise gutiago du umetokiko lepoko minbizia garatzeko”, erran du Romeok. Azterketari buruz Cristobalek dio uteroko lepoa marruskatzen dutela azaleko zelula batzuk biltzeko. Gero, bildutakoa likido batean sartzen dute, eta laborategi batera igortzen, azter dezaten. “Azterketa ez da atsegina, baina ez du minik egiten”. Horri esker, detekzio goiztiarra egitea lortzen dute medikuek. “Proba horren bidez ikusten ahal dugu papiloma birusa hor den ala ez, eta, hor bada, aktiboa den ala ez. Anitz aitzinatu gara, eta erraten ahal dugu horri esker ongi segituak diren emazteek ez dutela arazorik izanen horrekin”. Probak emaitza txarrak erakusten dituelarik, pazientea lasaitzeko “dena azaltzea” ezinbestekotzat jo du Romeok. “Hitzordu bat finkatzen dugu pazientearekin, eta dena esplikatzen diogu. Batzuetan, kolposkopia bat egin behar da”. Kolposkopia, frotisaren antzeko egintza da, baina koloratzaile bat ezarriz lesioen gainean, zer-nolako lesioak diren jakin ahal izateko. Minbizia jada garatua delarik, araberako tratamenduak egiten dituzte. Posible denean, laser bidezko tratamendua egiten zaio emazteari. Aldiz, minbizia biziki garatua bada, behar izanez gero, umetokiko lepoko zati batzuk kentzen dituzte. Txertatzea, gaztetan Gardasil izeneko txerto bat bada, giza papilomaren birusaren kontra. Zehazki, birusaren bidez garatzen diren minbizien kontrakoa da txertoa, birusa lesio bilakatzea oztopatzen baitu. Ez du papiloma birus mota guziez babesten; bai, ordea, minbizia eragiten duten mota nagusiengandik. Luzaz, neskei soilik eman izan zaie txerto hori. 2019tik, ordea, mutilak ere txertatzea gomendatu du Frantziako Osasun Aginte Gorenak. Gomendioen arabera, 11 eta 14 urteko nerabeei ezarri behar zaie txertoa, bi dositan. Halere, 19 urtera arte ere egin daiteke, hiru dosi jarriz. Gaztetan egiten da, harreman sexualak hasi aitzin. “Baina gizonekin harreman sexualak dituzten gizonen kasuan, 26ra urte arte egin daiteke txertaketa. Uzkiko minbizia garatzeko arrisku handiagoa dute, eta, gainera, sexualitatea tabuagoa da horientzat nerabezaroan”. Txertoa “biziki eraginkorra” da, haren ustez, papiloma birus arriskutsuetatik babesten baitu. Baina argi utzi du txertoak ez duela erran nahi urteroko frotisa ez egitea posible denik. “Txertoa eginik ere, behar-beharrezkoa da probak egiten segitzea”. Gizonen txertaketari begira, Romeok esplikatu du beren emakumezko bikotekideak babesteko ere balio duela, “baina ez bakarrik”. Izan ere, papiloma birusaren ondorioz garatzen diren minbizien laurdenak gizonengan garatzen dira. “Ez da bakarrik emazteen afera bat. Badira ahoaren esferako minbiziak, eta uzkiko minbiziak ere”. Orain arte txertoa ezarri duten gehienak neskak badira ere, gauzak emeki aldatzea espero dute osasun agintariek. Horiek horrela, Frantziako Osasun Ministerioak hilabete honetatik goiti kanpaina berezi bat martxan ezarri du, eskola sartzean. Izan ere, kolegioko bosgarren mailako ikasle guziei txertatzea proposatuko die ikastetxean berean. Romeo eta haren prebentzio eta txertatze zerbitzuak parte hartuko du kanpaina horretan. Kolegioekin harremanetan sartuak dira prestaketa egiteko. “Bistan denez, borondatezko txertatzea da, ez da nehola ere beharrezkoa. Ikasle batek egiteko, bi burasoen baimena beharko du”. Urririk izanen da. Lasaitasun mezua txertoaz Medikuak gogoan du txertoek mesfidantza eragin dezaketela, eta lasaitasun mezu bat helarazi nahi du.”Eraginkortasuna frogatua da. Australian, erraterako, txertatzea automatikoa egin dutenetik, giza papilomaren birusaren presentzia %93 apaldu da hamar urtez”. Txertoak eragiten ahal dituen efektuei buruz, “ohikoak” direla erran du Romeok. “Ziztada egin den tokian erreakzio bat gerta daiteke. Gero, beti bada alergia arrisku bat, baina, azkenean, erremedio guziekin bezala”. Gehitu du norberari dagokiola hautua egitea, “osasunaz duen ikuspegiaren arabera”. Betiere, “papiloma birusak eragiten dituen minbizien zenbakiak gogoan izanda”. Baionako ospitaleko prebentzio eta txertatze zerbitzuak urrian hasiko du kolegioetako txertatze kanpaina. Mediku bat eta erizain bat ibiliko dira ikastetxeetan. Lehen dosia hartuko dute urrian ikasleek, eta bigarrena, ekainean.
2023-9-1
https://www.berria.eus/albisteak/232312/minbizia-ez-garatzeko-segipen-on-bat-behar-dut-hori-barneratua-dut.htm
«Minbizia ez garatzeko, segipen on bat behar dut; hori barneratua dut»
«Minbizia ez garatzeko, segipen on bat behar dut; hori barneratua dut».
Lola Garciak (Baiona, 1985) ez daki zehazki nola harrapatu zuen giza papilomaren birusa, baina urteroko proba egitean ohartu ziren bere baitan zuela gaitza. Horregatik, frotisak sei hilabetean behin egin behar ditu. Ofizioz irakaslea da Garcia, eta bi alabaren ama ere bada. Hain justu, alaba gehiena txertatzeko adinean da, eta horri buruzko kezkez ere aritu da. Zuk noiztik duzu giza papilomaren birusa? Zuzen ez naiz oroitzen. Erranen nuke duela hamar bat urtetik, ez bada pixka bat gehiago. Nola jakin zenuen? Erregularki egiten diren frotis horien bidez jakin nuen. Proba egin nuen, eta emaitza txarrak nituen. Hastapenean, ez da baitezpada birusa agertzen, baina lesioak umetokiko lepoan. Horrek frogatzen du zerbait badela. Pixkanaka, proba zehatzagoak egin dizkidate, eta jakin dugu giza papilomaren birusa banuela. Ene garaian, txertoa proposatua izan zitzaigularik, 18 edo 20 urte nituen, eta jadanik aktiboa nintzen, eta, beraz, ez nuen egin. Nola hartu zenuen berria bere garaian? Jakin eta berehala, sendagileak esplikatu zidan minbizi aurreko bat balitz bezala ikusi behar nuela. Lesioak badirenean, terrenoa atsegina da minbiziarentzat. Halere, horrek ez du erran nahi minbizia ukanen dudanik. Halere, hastapenean, minbiziarekin bezala sentitzen nintzen. Orain, bada hamar bat urte badudala, eta ez dut gehiago horri pentsatzen, baina ez dut saio bakarra ere huts egiten. Segipen on bat behar dudala barneratua dut. Nola sentitzen duzu birusa zure gorputzean? Afera da birusa ez dela beti aktiboa. Batzuetan bakarrik aktibatzen da; usu, nekearekin. Iazko abenduan aktibatu zitzaidan berriz, adibidez. Nekeak ez du laguntzen, alkoholak eta tabakoak ere ez… Eta hor berriz sei hilabetero egin behar ditut frotisak. Nola pasatzen da hori? Emaginak egiten dit frotisa, eta emaitzen arabera bideratzen nau. Frotisaren bidez ikusten ahal da lesiorik ba ote den. Hala bada, erran nahi du birusa berriz aktibatu dela. Beraz, emaitzak ez direlarik onak, ospitalera noa. Sendagile bat badut han, eta harengana noa birusa aktiboa delarik. Zer tratamendu mota egiten dizu hark? Beste proba mota bat da, kolposkopia bat. Ez da biziki atsegina, baina ez du minik ematen. Koloratzaile bat ezartzen du umetokiko lepoan, eta, horren bidez, lesioen larritasuna neurtzen ahal du. Hiru kategoria badira, eta erraten dizu zeinetan kokatzen diren zure lesioak. Lehen larritasun maila baldin bada —ene kasuan bezala—, berriz sei hilabeteren buruan egin behar dut azterketa. Birusa aktibatzen delarik, zerbait sentitzen duzu? Ez dut ezer sentitzen. Ez dut sintomarik. Ukaiten ahal dira kalitzak, umetokiko lepo barnean, baina nik ez dut sekula horrelakorik izan. Omen, biziki mingarria da. Bi alabaren ama ere bazara. Zure alabak txertatzeko momentuan, dudak izan dituzu. Bai, baina txertatuko ditut. Txertoa hozkailuan da. Ez da besterik. Nik bizi izan dudana ez da atsegina: frotisak sei hilabetean behin egitea, ospitalera joatea, kolposkopia egitea… Saihesten ahal badiet, hainbat hobe. Halere, ohartu naiz mutilei ez zaiela batere aipatzen. Alta, badakigu gakoa neskak eta mutilak txertatzea dela. Ni erotzen nau jakiteak parekotasunik eza ere badela hor. Herrialde batzuetan, aldiz, automatikoa da; ipar Europan, adibidez, bi sexuetakoak txertatzen dituzte. Hemen aholkatua da, baina arras guti entzuten da.
2023-9-3
https://www.berria.eus/albisteak/232313/aldizkako-formakuntzan-kazetaritza-euskaraz.htm
Gizartea
Aldizkako formakuntzan, kazetaritza euskaraz
Hedabideek kazetari euskaldunak atzemateko dituzten zailtasunetatik abiatuz, EEPk hiru unibertsitateren arteko elkarlana bultzatu du, eta ikasturte honetan Baionan kazetaritza ikasten ahalko da euskaraz. Ikasleak hedabideetan ariko dira lanean, eta praktikak eta ikasketak aldizkatuko dituzte bi urtez.
Aldizkako formakuntzan, kazetaritza euskaraz. Hedabideek kazetari euskaldunak atzemateko dituzten zailtasunetatik abiatuz, EEPk hiru unibertsitateren arteko elkarlana bultzatu du, eta ikasturte honetan Baionan kazetaritza ikasten ahalko da euskaraz. Ikasleak hedabideetan ariko dira lanean, eta praktikak eta ikasketak aldizkatuko dituzte bi urtez.
Ipar Euskal Herriko hedabideetatik dator eskaera, kazetari euskaldunak atzemateko zailtasunagatik. Euskararen Erakunde Publikoarengana (EEP) jo zuten hedabide euskaldun eta elebidunek 2020an, eta ikasurte berri honetan estreinatuko dute urteetan landu duten formakuntza, Baionan kazetaritza euskaraz irakasteko. Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatea (UPPA), Bordele-Akitania Kazetaritza Institutua (IJBA) eta Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) eskuz esku aritu dira formakuntza akademikoa prestatzen, eta ikasleak hedabideetan ere ariko dira, aldizkako formakuntzan. Kazetari euskaldunen beharra duten hedabideetatik abiatu zen dena, behar konkretu batetik, EEPko langile gisa diploma berrirako bidea koordinatu duen Ibai Agirrebarrenak oroitarazi duenez: «Hedabideek jakinarazi ziguten bazela behar bat euskarazko kazetarien atzemateko, euskarazko hedabideak garatzen ari direlako eta euskararen lekua garatzen ari delako hedabide elebakarretan, France Bleu Urdin irratian bezala. Baina ez zen atzematen euskaldun profesionalik». Hedabide horiek, beraz, formakuntzaren partaide izanen dira, gehien-gehienek ikasle bat edo bi hartu baitituzte langile gisa. Bi urteko ikasketetan, sei astez hedabideetan ariko dira, eta bi astez unibertsitatean, aldizka. Orain hiru urte abiatu zen gogoeta, eta EEPren inguruan hiru eragile akademiko juntatu ziren. EHUko ordezkari gisa, lantalde horretan egon da Josu Amezaga, Gizarte eta Komunikazio Zientzietako Fakultateko irakaslea: ikasi zuten, hain zuzen, «Ipar Euskal Herriko hedabideetan euskara bultzatzea» dela beren zereginetako bat, Amezagak dioenez, EHUko estatutuetan helburu gisa ageri baita «euskal kultura eta euskara sustatzea». Leioan (Bizkaia) kazetaritza euskaraz ikas daitekeenez, hastapenetik mahai gainean izan zen ikasleak han formatzearen proposamena, nahiz Amezagaren erranetan formula hori ez izan egokiena: «Gure graduko formakuntza lau urtekoa da; aldiz, Ipar Euskal Herriko diagnosian hurbilago izan behar zen denboran, premia handia baitago». Bi urtez lanean eta ikasten Iragan apirilean aurkeztu zuten diploma berria, Baionan, eta maiatz hondarrerako ikasleen hautagaitzak aztertu zituen eragile akademikoek osatu epaimahai batek. Hogei hautagaitzatik goiti presentatu ziren, eta 11 ikaslerentzat ireki ziren unibertsitateko ateak. Maiatzaren 26an, berriz, foro bat antolatu zen hedabideak eta ikasle horiek juntatzeko, Agirrebarrenak zehaztu duenez: «Foro horretan, ikasleek beren burua aurkeztu zioten hedabide bakoitzari, eta gero hedabideek behar zuten hautatu zein ikasle hartuko zuten bi urtez aprendiz gisa. Engaiamendu bat da, hedabideek lansaria pagatzen baitiete; azkenean, ikaslea langile bilakatzen da bi urtez». Gutieneko soldata bat pagatzea inposatua zaie hedabideei, ikaslearen adinaren arabera, baina gehiago ere paga dezakete, EEPko langilearen erranetan. Marga Berra Zubieta grafista pausuarrarentzat, programa egokia da ofizio berri bat ikasten hasteko: «Baldintza ezin hobeak ziren niretzat. Bederatzi urtez nire kontu aritu naiz grafista lanean, eta banuen lanez aldatzeko gogoa, baina formatzeak badu prezio bat. Bikaina da: formakuntza izanen dut, eta lanean ariko naiz. Beraz, soldata bat ukanen dut. 33 urterekin, irudi zait baldintza ezin hobeak direla lan berri batean hasteko», erran du. Formakuntza profesionalean, kulturala da hautu bat edo beste hobestea, eta, estatuen hautuen eraginez, Ipar Euskal Herrian eta Hego Euskal Herrian ez dira ohitura berak. EHUren engaiamenduaren arrazoietatik bat zen «ikasi nahia», Amezagaren erranetan: «Bagenekien garatuagoa dela Frantziako Estatuan. EHUn aldizkakoaren pareko eredu bat aspaldi dago garatua osasun eta hezkuntza zientzietan, baina ez kazetaritzan edo komunikazio zientzietan. Gure unibertsitatean, aldizkako ikasketak duela bi edo hiru urte hasi ziren, eta gauza berria da», esplikatu du EHUko irakasleak. Diplomaren ezagupena Kazetari euskaldunak behar dituzten hedabideak formakuntzaren partaide izanik, de facto onartzen diote diploma berriari haien ezagupena. Baina ezagupen zabalagoa ere izan daiteke, Agirrebarrenaren ustez, IJBAk ematen duen bermeari esker: «Prestigiorik handieneko kazetaritza eskola publikoa da Frantziako Estatuan. Ofizioak aitortzen dio bere formakuntza; horrentzat garrantzitsua zen». Halere, unibertsitate diploma berriak ez du ezagupen ofizialik ukanen, «ez baita Europa mailako goi mailako hezkuntzako titulazio ofiziala», Amezagak argitu duenez. Halere, EHUko irakasleak ere azpimarratu du IJBAren bermeak balio duela ofizioaren ezagupena ukaiteko: «Unibertsitate diploma bat da; beste kategoria bat du. Ez da sistema estandar horretan kokatzen. Berez, ikasle horiek Bordeleko IJBA eskolan matrikulatuak dira, eta titulua ere IJBAk emanen du, nahiz EHU eta Baionako Unibertsitateak barne izan». Ikasle gisa, diploma sortu berrian izena emateko, hiru unibertsitateen arteko elkarlanak ekarri dio segurtasun sentsazioa Berrari: «Iruditu zait formakuntza biziki ongi pentsatua zela, hiru unibertsitateen arteko lotura egin izanak zinezko pisua ematen diola. Euskaraz izateak ere bai. Biziki logikoa eta koherentea iruditu zait hola pentsatu izana; euskara maila, euskal lurraldea eta kazetaritza arloak aitzinean ezarri dituzte, eta horrek interesa pizten dit». Hilabete honetan hasi eta unibertsitate ibilbidean bi urteak gainditzen dituzten ikasleek 2025ean ukanen lituzkete lehen diplomak. Bide horretan, EHUrekin iraganen dituzten lan asteetan, besteak beste EITB eta BERRIAren egoitzak bisitatzea pentsatu dute. Hedabide horietatik, justuki, diplomaren ezagupena hel daitekeela uste du Amezagak: «Frantziako Estatuan kazetarien kolegioak onartzen duen bezala, hemen BERRIAk edo EITBk onar lezakete, ofiziala izan gabe ere». Euskararen leku handia Unibertsitatearen partean, IJBAk ez du soilik bere formakuntza bermearen partea ekarriko; kurtsoen gehiengoak ere segurtatuko ditu. Amezagaren hitzetan, IJBAk emanen ditu kurtsoen bi heren, eta beste herena UPPA eta EHUren artean partekatuko da. Horrek erran nahi du, EHUko irakasleak dioenez, «unibertsitateko parte handi bat frantsesez» izanen dela. Baina haren kalkulua ez da hor gelditzen, kurtsoak formakuntzaren laurdena baizik ez baitira, ikasleek denbora gehiena hedabideetan lanean pasatuko baitute: «Euskara hutsezko hedabideetan ariko dira ikasle gehienak, eta gehiena euskaraz eginen dute; ikasle horien formakuntzaren %80 euskaraz izanen da. Kasurik okerrenean, ikasle batek izanen du formakuntza gehiena frantsesez eta zati bat euskaraz, eta kasurik hoberenean, horiek dira gehienak, formakuntza gehiena euskaraz jasoko du, eta zatitxo bat frantsesez», ondorioztatu du. Konparazioan ere hasi da Amezaga, eta oroitzen du EHUko kazetaritza ikasketak euskaraz proposatzen hasi zirenekoa, 1980. urte inguruan: “Gogoan dut EHUn gaur egun eskaintza osoa euskaraz egitera iristeko egin den bidea. Urteak eta urteak behar izan ditugu horretara iristeko; hutsetik abiatu ginen 1980an, eta ez da egiten urte batetik bestera. Aldiz, ikusten dut Ipar Euskal Herrian lehenengoz eginen den formakuntza honetan gehiena euskaraz eginen dela, eta iduri zait izugarriko jauzia dela. Harritu eta poztu nau”. Bordeleko kazetaritza eskolaren kurtsoak, gainera, tahitieraz eskaintzen dituzten kurtsoetan oinarrituak direla zehaztu du Agirrebarrenak: “IJBAk Tahitin egiten duen kazetaritza formakuntzan oinarritu gara batez ere. Tahitieraz egiten dute. Haien eskemak anitz lagundu du gurea plantan ematen, nahiz behar izan den egokitu Euskal Herrira, euskarara eta hedabideek duten beharretara”. Euskara mailaren hobetzea izanen da unibertsitateko arloetarik bat, eta aurkezpen egunean zehaztu zituen Celine Mounole Euskal Ikasketetako irakasle ikerlariak markatu dituzten helburu konkretuak: “Helburua da formakuntzatik ateratzean gutxienez C1 maila eskuratzea; ahal bada, C2”; Euskarazko B2 maila eskatu zitzaien hautagaiei. EEPko koordinatu diplomaren interesaz mintzatu zen Antton Kurutxarri erakundeko lehendakaria: “Lurraldean euskarazko ekoizpen mediatikoen garapen perspektibei modu eraginkorrean erantzutea ahalbidetuko du. Kazetari euskaldunen belaunaldi berri baten formakuntza lortuko da, eta, horrela, euskarazko kazetaritza lanaren sendotzea eta garapena ahalbidetuko da”. Ondoko egunetan hasiko du ibilbidea euskarazko kazetaritzan ariko den Ipar Euskal Herriko lehen promozioak, baina oraino bi leku izan daitezke, hedabide gehienek aprendizak hartu badituzte ere horietarik bi ikaslerik gabe gelditu baitira. EEPrekin harremanetan sartu behar dute azken orduan promozioa integratu nahi luketen hautagai berriek.
2023-9-3
https://www.berria.eus/albisteak/232314/eibarrek-kirolarekiko-daukan-lotura-goratu-dute-epaileek.htm
Kirola
«Eibarrek kirolarekiko daukan lotura goratu dute epaileek»
Aces Europa elkarteak izendatuta, Kirolaren Europako Hiria da Eibar aurten, beste hamabost hirirekin batera, 25.000 biztanletik 500.000ra artekoen mailan. Azaroan kongresu bat egingo dutela azaldu du Jon Iraola Eibarko alkateak.
«Eibarrek kirolarekiko daukan lotura goratu dute epaileek». Aces Europa elkarteak izendatuta, Kirolaren Europako Hiria da Eibar aurten, beste hamabost hirirekin batera, 25.000 biztanletik 500.000ra artekoen mailan. Azaroan kongresu bat egingo dutela azaldu du Jon Iraola Eibarko alkateak.
Euskal Bizikleta, Euskal Herriko Itzulia, Arrateko santutegia, Arrate eskubaloi taldea, Astelena pilotalekua, futbola, errugbia… Eibar eta kirola betidanik egon izan dira elkarri oso lotuta, eta Aces Europa elkarteak lehen lerroan jarri zuen iaz hiria, 2023rako Kirolaren Europako Hiria izendapena emanda. Jon Iraola (Eibar, 1975) Eibarko alkatea harro dago lehen zortzi hilabeteotan egindako bidearekin. Eibarren kirola arnasten dela adierazi du, eta ziur dago arrastoa utziko duela Bruselatik iritsi zaion izendapen horrek. Eibar, 2023ko Kirolaren Europako Hiria. Hala jakinarazi zuten iazko azaroan. Zer dago izendapenaren atzean? Izendapen garrantzitsua da hiriarentzat. Eibarren, egunerokoan, oso gertutik bizi dugu kirola; oso presente daukagu beti. Aspaldikoa da Eibarrek txirrindularitzarekin daukan lotura; eskubaloia ere oso garrantzitsua izan zen gurean, Arrate elkartearekin; futbola ere bai, gizonezkoen zein emakumezkoen taldeekin… Kirol klub asko dauzkagu Eibarren, oso garrantzitsuak denak. Herritarren zati handi batek egunero kirola egiten du gure instalazioetan eta kalean bertan. Instalazioak ez dira onenak, berrikuntzak behar dituzte, baina epaileek instalazioak ez, Eibarrek kirolarekiko daukan lotura goratu dute. Besteak beste, hurrengo urtean ehun urte beteko ditu Klub Deportiboak. «Herritarren zati handi bat» aipatu duzu. 27.500 biztanle inguru dauzka Eibarrek, eta zenbat herritarrek egiten dute egunero kirola? Kiroldegietako bazkideen datuak aintzat hartuta, gutxi gorabehera eibartarren %60k egiten dute egunero kirola. Bazkide ez diren asko ere kontuan hartu behar dira, pilotalekuan aritzen direnak, paseoan ibiltzen direnak… Oso pozik eta harro gaude datu horrekin; kopuru handia da. Eibarren kirola arnasten da. Beste hamabost hirirekin batera da Eibar aurten Kirolaren Europako Hiria. Besteak beste, Viana do Castelo (Portugal), Velika Gorika (Kroazia) eta Tirana (Albania) daude zerrenda horretan. Harremanik edo sarerik sortu duzue Europako beste hiri horiekin? Ez. 25.000 biztanletik 500.000ra arteko kategorian lortu dugu guk izendapena, eta oso desberdina da herri edo hiri bakoitzaren errealitatea. Bruselan izan ginen izendapena jaso genuenean, iazko azaroan, eta han elkartu ginen hiri guztietako ordezkariak, baina ez dugu izan harreman gehiago. Hori bai, komunikabideetan-eta gertutik zaintzen dugu besteak zertan ari diren, ideiak hartzeko eta urtean zehar gurean zer egin dezakegun ikusteko. Gaur-gaurkoz, 27 kirol klub daude Eibarren, 21 modalitatetan banatuta. Kirol batzuetan, hala ere, izan ditu urte hobeak, ezta? Eskubaloian, esaterako… Tira, bai… Gaur egun ere ahalegin handia egiten ari dira eskubaloian, eta emaitza onak lortzen ari dira, baina egia da beste maila batean zegoela Arrate kluba. Gorabeherak gorabehera, ordea, bada azpimarratzekoa den beste errealitate bat: Eibarren indar handia dauka emakumezkoen kirolak, eta Aces elkarteko epaileek eurek ere azpimarratu zuten hori. Udalean harrera asko egin genituen aurreko denboraldian, eta emakumezkoenak izan ziren asko; Eibar futbol taldea edo errugbi taldea, esaterako. Emakumezkoen kirola bultzatzen jarraitu behar dugu. Oreka behar dugu. Txirrindularitza aipatu duzu, futbola, errugbia… eta pilota. Ezin da ahaztu Astelena pilotalekua, katedrala. Eibarrek dituen beste harribitxietako bat da, ezta? Zalantzarik gabe. Oso toki garrantzitsua da guretzat. Duela pare bat urte egin genituen sarrera-irteerak hobetzeko lanak, eta zale asko biltzen da sanjoanetan, sanandresetan, Gabonetan… Oso harro gaude horrelako pilotaleku bat edukitzeaz. Astelenak babesa behar du maila horri eusten jarraitzeko, eta ahal dugun guztia egingo dugu guk. Horrelako izendapenak ez dira musu truk iristen normalean, eta, betebeharren artean, nola ari zarete ustiatzen Eibar Kirolaren Hiria marka? Eta noiz zarete egitekoak nazioarteko lehiaketa edo kongresu bat? Hainbat txapelketa eta ekintza antolatzen ari gara urte guztian. Besteak beste, jugerreko munduko txapelketa antolatu genuen uztailean. Kirol ezezaguna da, baina mundu guztiko lehiakideak etorri ziren, Eibarko jugger klubeko emakume talde bati esker. Bestalde, azaroaren 16rako kirolaren inguruko kongresu bat prestatzen ari gara. Azpiegiturei dagokienez, beste kiroldegi bat eraikitzeko asmoa daukagu Eibarren, eta aurreproiektu hori lantzen ere ari gara; hori da egun daukagun kirol proiekturik garrantzitsuena. Finantzaketa bila gabiltza orain. Berrogei urte baino gehiago dauzka Ipuruako kiroldegiak, nahikoa zahartuta gelditu zaigu, eta berritu egin beharra daukagu. Baina, igerilekuari dagokionez bereziki, beste kiroldegi bat eraikitzeko behar handia daukagu. Arratsaldean bereziki, ia ezinezkoa da kiroldegian igeri egitea. Aurten da Eibar Kirolaren Europako Hiria, baina zer arrasto utz dezake Acer Europaren izendapen horrek? Nola balia dezakezue aukera etorkizunean? Argi dago aukera ona dela hiriarentzat. Urrutira joan gabe, izendapen hori gabe, ziurrenik beste tokiren batean antolatuko zuten aurtengo jugerreko munduko txapelketa, eta kirol hori ez zen ezaguna izango Eibarren. Adibide bat besterik ez da hori. Nolabaiteko maila bat eman digu izendapenak, eta hurrengo urteetan gutxienez maila horri eusteko lan egin beharko dugu. Instalazioak berritzen eta hobetzen jarraituko dugu. Beste erronka bat da hiriarentzat.
2023-9-4
https://www.berria.eus/albisteak/232315/orain-barrenera-begira-egon-nahi-dut-ez-dut-presarik-gauzak-egiteko.htm
Kultura
«Orain barrenera begira egon nahi dut; ez dut presarik gauzak egiteko»
Olaia Inziarteren bakarkako lehen lanak herriz herri eta etxez etxe zabaldu ditu haren ahotsa eta hitzak. 'Lehengo lepotikan burua' diskoak eman diona bere egiten ari da.
«Orain barrenera begira egon nahi dut; ez dut presarik gauzak egiteko». Olaia Inziarteren bakarkako lehen lanak herriz herri eta etxez etxe zabaldu ditu haren ahotsa eta hitzak. 'Lehengo lepotikan burua' diskoak eman diona bere egiten ari da.
Uztail bukaerako arratsalde fresko bat. Turista batzuk ailegatu dira Bertizko jaurerriko aparkalekura. Bidasoa ibaiari so gelditu dira haietako zenbait; lorategirako bidea hartu dute, berriz, bertze batzuek. Giroa lasaia da, eta lasaia da, ailegatu den unetik beretik, Olaia Inziarteren begirada ere (Oronoz, 1999). Iaz kaleratu zuen Lehengo lepotikan burua bakarkako bere lehendabiziko diskoa; lan horretan jasotako kantek lau haizeetara zabaldu dituzte musikari nafarraren hitzak eta ahotsa. «Ez nuen espero izan duen harrera», aitortu du. Azken hilabeteotan gertatu zaion guztia bere egiten ari dela erran du; denbora behar duela. Egurrezko mahai baten bueltan, lasai eta luze mintzatu da bere musikaz, bere orainaz. Irailaren 9an Lizason ariko da, 17:00etan, Orgiko basoan. Kritikaren eta entzuleen oniritzia lortu du zure lehen diskoak. Kontent? Sentitzen dut denbora pila bat pasatu dela diskoa atera nuenetik, gauza pila pasatu baitzaizkit urte batean. Gauza onak? Ez nuen espero diskoak izan duen harrera izanen zuela. Sekulakoa izan da. Diskoak aukera eman dit, gainera, jende anitz ezagutzeko, musika egiten duen eta nik miresten dudan jende anitz. Hagitz polita izan da jende horrekin lan egiteko aukera izatea, espazioak eta denbora konpartitzeko aukera izatea. Zergatik harritu zaitu zure lanak izan duen harrerak? Uste nuen bazirela oihartzun bat izan zezaketen kanta batzuk, estiloagatik, duten pop kutsuagatik. Baina disko osoak izan duen oihartzuna ez nuen espero; ez nuen uste diskoa hain presente egonen zenik, jendea diskoari buruz hainbertze solastatuko zenik. Bakarkako lehen diskoa duzu iazkoa, baina eskarmentu handiko musikaria zara. Aritu zara bertze musikari anitzekin jotzen, eta Pleura taldeko ahotsa ere izan zara. Orain, bakarrik, biluzi zarela sentitzen duzu? Bakarkako lana da, baina izan dut talde baten babesa. Egia da, halere, esperientzia ezberdina dela, ardura nirea delako. Diskoa prestatzean, baina, arras libre sentitu nintzen, ez bainuen uste izan duen oihartzuna lortuko zuenik. Gerora, konturatu naiz gauza pila ari nintzela kontatzen; beti izan naiz anitz solastatzekoa, oholtzan ere bai, baina ohartu naiz agian espazio jakin batzuetan eta jende jakin baten aitzinean neure burua neurtu behar dudala pixka bat. Zergatik? Lotsagatik? Bai. Ikasten ari naiz neurtzen. Erran dezaket zuzena den zerbait, eta, kontu pertsonal bat izanda ere, pertsona jakin batzuk mugiarazten ahal dituen zerbait, baina pentsatuta erran nahi dut erran nahi dudan hori; jolastu nahi dut probokazioarekin ere, neurri batean, baina jakinda zer erantzun jaso dezakedan. Saiatzen naiz pentsatzen zer erran eta nola. Jaso dezakezun erantzun horren beldur zara? Beldurra izan daiteke, bai. Neure buruaren inguruko gauza sobera kontatzeak eragiten didan beldurra. Neure burua zaintzeko modu bat ere bada. Uste dut inportantea dela nolabaiteko burbuila bat eraikitzea, zaintzeko. Barruko gaiak jorratu dituzu zure kantetan, eta miresmena, haserrea, mina eta halako emozioak islatu. Zurea den hori soziala ere bada? Ez da modurik artista bere testuinguru ekonomikotik, politikotik, sozialetik eta kulturaletik bereizteko. Dena da bizi dugun garaiaren eta testuinguruaren ondorio. Nabaritzen ahal da gutiago edo gehiago, baina beti dago hor. Nik mugitzen nauten gauzen inguruan idazten dut, baina pertsonala dena politikoa da, aldi berean. Aipatu izan duzu gurasoek behartuta hasi zinela musikan, haurra zinenean. Noiz bilakatu zen plazer? Egia da txikitan behartuta hasi nintzela; baina, orain ere, nik neure burua behartzen dut, eta menpekotasun bat sortu dut zerbaitekin. Behar bat da orain. Behar batek eramaten nau orain musika jotzera. Bitxia da dinamikak nola aldatzen diren. Izan ere, oroitzen dut amatxik gitarra bat erosteko txartel bat oparitu zidala 13 urte bete nituenean, eta, une hartan, izutu egin nintzen. Ezetz erran nion. Baina erosi nuen, azkenean. Eta orain iruditzen zait heldu zenaren nolabaiteko bihozkada izan zela. Erosi izan ez bazenu, zer? Auskalo… Damutu zara erosi izanaz? Uste dut horrela behar zuela izan. Gitarra uztea ez da aukera bat? Uste dut ezetz. Ez dakit bizitzen musika egin gabe. Posible da bertze zerbait egitetik bizitzea, baina ez dakit bizitzen musikarik gabe. Sare bat sortu dut, harreman pila, eta behar dut nire egunerokoan. Ez da nire lanbidea ehuneko ehun, baina lanbide bat baino gehiago da. Egia erran, inoiz ez nuen pentsatu musika nire lanbidea izan zitekeenik. Orain bai? Ez dakit. Uste dut ez dela egonkortasuna eman diezadakeen lan bat, baina, aldi berean, hain da erakargarria ideia hori, sortzen eta abesten eta bertzeekin jotzen egoteko ideia hori… Bertzeak aipatu dituzu. Kolektiboak zer indar du zuretzat? Musika ia beti da kolektiboa; bakarrik ezin dugu kasik deus egin. Musikaren bidez sortzen dira harremanak ere, eta behar dituzu harreman horiek musikaren mundu horretan segitzeko. Ni, sare hori gabe, ez nintzateke egonen nagoen tokian, nagoen bezala. Beti sentitu naiz arras babestua eta zaindua. Bertze musikariek anitz lagundu didate. Prozesu horretan, nola nabarmentzen da zurea, lan kolektibo horren barruan? Egiten ditudan kantak arras nireak dira. Nirekin lan egiten duten bertze pertsonetatik inor ez da esparru horretan sartuko hau edo bertze egin beharko nukeela erratera. Produzitzen hasten garenean, orduan bai, nork bere ideiak proposatzen ditu, eta denon artean jorratzen dugu kanta bati zer giro eman. Baina egia da prozesu hori nik gidatzen dudala. Garbi duzulako zer nahi duzun? Garbi dudalako, batez ere, zer nahi ez dudan. Esparru horretan nahiko zuzena eta zorrotza naiz. Izan daiteke soinurik landuena, edo akorderik ederrena, baina, hor ez badut ikusten, ez da kantan sartuko. Bertzeekin sortzeko prozesua erraza da; borobil bat osatu, eta elkarrekin jotzen hasten gara. Zailena da soinu berezi horiek bilatzea, soinu horiek non sartu asmatzea. Amatxik oparitutako gitarra aipatu duzu. Eta azaldu izan duzu zure lehen disko honek anitz zor diola aspaldiko Olaiari, haurra zeneko Olaia hari. Zergatik? Prozesu intentso bat egin nuelako haurra zeneko Olaiarekin bat egiteko. Iruditzen zait haurrek badutela ukitu gabeko mundu emozional bat. Ariketa hori egiten saiatu naiz, txikitako Olaiarekin bat egiten, haur hori libreagoa zelako, libreagoa negar egiteko eta sentitzen zuena adierazteko. Ariketa horrek askatu ninduen. Zaurgarritasuna erdigunean jartzeko modu bat da? Olaia txikiaren irriekin eta malkoekin egin nahi izan dut bat. Ematen du heldu bilakatzen garenean bazter utzi behar dugula zaurgarritasuna, baina nik aldarrikatu egin nahi dut. Bertzela, dena arras sistematiko bilakatzen da, eta nik uste dut salbatzeko aukera hor dagoela, baimena eman behar diogula geure buruari sentitzen duguna azaleratzeko. Zaila da? Oraindik ere saritzen da negar egiten ez duena, eta aitzinera segitzen duena, inguruan dituen miseria guztiei so egin gabe. Dena egiten da produktibitatearen izenean. Musikaren munduan ere bai? Hori egiten duten artistak saritzen dituzte. Horiek jartzen dituzte ikus-entzule gehien dituzten irrati eta telebistetan. Lan kate horretan hain erraz sartzen ez denari errazago erraten zaio, adibidez, «aspaldi» ez duela deus egin, eta, agian, urtebete lehenago atera zuen disko bat. Ohitu gara azkar kontsumitzera; ez dugu disfrutatzen. Horrela funtzionatzen du musikaren munduak, eta, musika lanbide izan nahi baduzu, hori jakin behar duzu; sistema horretan sar zaitezke, edo bide hori, ahal den neurrian, hackeatu. Zu non zaude? Nik agenda ixtea erabaki dut. Duela hilabete eta erdi inguru, erabaki nuen hitzartutako kontzertuak egitea, eta gehiago ez lotzea. Gaizki nintzelako. Ez dut kate horretan sartu nahi. Ez naiz gai. Ez naiz gai urtero Durangoko Azokan lan berri batekin agertzeko. Aurten ez naiz joanen. Ez dut deus egin nahi presaka. Presioa sumatu duzu? Gertatu zaidan guztia lehertu zait, azkenean. Gauza anitz gertatu dira, aldaketa anitz, eta hori guztia neure egitea ez da erraza izan. Nire zakurra hil zenean, lehertu nintzen. Ez nuen deus egiteko ilusiorik, eta ohatzetik altxatzea kostatzen zitzaidan. Konturatu nintzen zerbait pasatzen ari zela, beti erabili ditudan tresnek ez baitzuten funtzionatzen. Gelditzea erabaki dut. Ez da erraza ezetz erratea, baina behar nuen, eta erabaki horrek lasaitasun handia eman dit. Urrira arte baditut kontzertuak, eta gero bira itxiera eginen dugu. Eta gero? Orain, barrenera begira egon nahi dut. Baditut ideiak buruan, abiatu ditut bide batzuk, baina ez dut presarik gauzak egiteko. Egiten dudana ongi zaindu nahi dut. Eta barrenera begira egon nahi dut.
2023-9-1
https://www.berria.eus/albisteak/232316/legutioko-zentro-sozialistaren-hustean-atxilotutako-bi-gazteetako-bat-epaitu-dute-gaur.htm
Gizartea
Legutioko Zentro Sozialistaren hustean atxilotutako bi gazteetako bat epaitu dute gaur
Dozenaka lagun bildu dira epaitegien aurrean gazteari elkartasuna agertzeko. Hamahiru hilabeteko espetxe zigorra eta 3.600 euroko isunak eskatu dituzte auzipetutako bi gazteen aurka.
Legutioko Zentro Sozialistaren hustean atxilotutako bi gazteetako bat epaitu dute gaur. Dozenaka lagun bildu dira epaitegien aurrean gazteari elkartasuna agertzeko. Hamahiru hilabeteko espetxe zigorra eta 3.600 euroko isunak eskatu dituzte auzipetutako bi gazteen aurka.
Iazko ekainaren 28an hustu zuen Ertzaintzak Legutioko (Araba) Zentro Sozialista –Desjabetuon Hotela izendatua–, eta, desordena publikoak egitea eta erresistentzia larria egotzita, 18 urteko lagun bat eta 21 urteko bat atxilotu zituen. Gaur, gazte horietako bat epaitu dute Gasteizen –ez dute zehaztu noiz egingo den beste gaztearen epaiketa–, eta Mugimendu Sozialistak elkarretaratzera deitu du epaitegien aurrean, babesa agertzeko. Jakinarazi dutenez, fiskaltzak, denera, hamahiru hilabeteko espetxe zigorra eta 3.600 euroko isunak eskatu ditu auzipetutako bi gazteen aurka. Goizeko hamaikak aldera iritsi da Mugimendu Sozialistako kidea epaitegietara, eta txalo artean babestu dute bertaratutako dozenaka gaztek. Zentro sozialisten defentsan. Auzipetuei elkartasuna zioen pankarta baten atzean bildu dira gazteak, eta «zentro sozialistak aurrera» eta «borroka da bide bakarra» oihu artean adierazi diote elkartasuna. Mugimendu Sozialistako kideek salatu dutenez, «jardun politikorako espazioen defentsa zilegi» da, eta, Legutioko Zentro Sozialistaren husteak eta ondorengo atxiloketek erakusten dute «geroz eta zailagoa» dela jardun politikoa garatzeko espazioak eskuratzea eta «normaltasunez» erabili eta defendatzea. Legutiokoa adibide bat baino ez dela gogoratu dute; hala, gogora ekarri dituzte azkenaldian «langileen kontrolpeko espazioek» jasan dituzten etengabeko «erasoak»: Bilboko Urkilaren hustea; Laudioko (Araba) gaztetxearen hustearen harira eskatu dituzten 4.000 eurorainoko isunak; Euskal Herriko dozenaka tokitan izaten diren identifikazioak; Burlatako (Nafarroa) gaztetxeak «espazioa egonkortzeko» dituen zailtasunak; eta Zestoako (Gipuzkoa) gaztetxea, non hasia baita husteko prozedura. Uste dute premiazkoa dela «ofentsiba» horri erantzutea, eta ezinbestekoa dela «errepresioari» modu kolektiboan aurre egitea, elkar defendatzeko konpromisoa oinarri hartuta. «Espazioen defentsa ahalik eta modu eraginkorrenean antolatzeko baliabideak egituratzen jarraitu behar dugu», adierazi dute.
2023-9-1
https://www.berria.eus/albisteak/232317/ezker-anitza-iuk-ontzat-jo-du-nazio-auziari-buruzko-eztabaida-berriro-ireki-izana.htm
Politika
Ezker Anitza-IUk ontzat jo du nazio auziari buruzko eztabaida berriro ireki izana
Iñigo Martinezek esan duenez, «estatu federal errepublikanoan» oinarritutako proposamenari eutsiko diote
Ezker Anitza-IUk ontzat jo du nazio auziari buruzko eztabaida berriro ireki izana. Iñigo Martinezek esan duenez, «estatu federal errepublikanoan» oinarritutako proposamenari eutsiko diote
Ezker Anitza-IUk ontzat jo du Espainiako Gobernua osatzeko negoziazioen ingurumarian nazio auzia berriro ireki izana, eta eztabaida horri ekiteko «prestasun osoa» agertu du. Antolakuntza idazkari eta Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkide Iñigo Martinez Zatonek esan duenez, azken hamarkadetan defendatu duten proposamena berretsiko dute oraingoan ere: nazioen eta erregioen «borondatean» oinarritutako «estatu federal errepublikanoa». Edonola ere, Ezker Anitza-IUk uste du eztabaida horrek ezin duela ostendu «eskubide zibil eta sozialen» ingurukoa, eta prest agertu da aurrerantzean ere eztabaida horri heltzeko. Iñigo Urkullu lehendakariak nazio auziaren inguruan egindako proposamena ere ontzat jo du Martinezek, eta gaineratu du horren xehetasunen berri izan arte zain egongo direla balorazio zehatzago bat egiteko, baina «harridura» ere agertu du Urkulluk Espainiako Gobernuaren osaketaren negoziazioen ingurumarian egin duelako bere proposamena. Gogoratu du Eusko Legebiltzarrean zabalik dagoela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako estatus politiko berriaren inguruko eztabaida: «Afera horretan, Urkulluk orain arte legebiltzarra azpikontratatu du auzi horri ekin diezaion, eta azken hamar urteetan ez du horri buruzko proposamen bakar bat egin». Martinezen ustez, afera horretan beharrezkoa da adostasunak erdiestea, eta uste du EP-IUk «zubi lana» egin dezakeela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lau indar nagusien artean. Mugarri nagusiak Hastear den urte politiko berriari begira, Espainiako Gobernuaren osaketa eta Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak ezarri ditu Ezker Anitza-IUk mugarri nagusitzat. Lehenengoari dagokionez, Martinezek uste du ez dela nahikoa uztaileko hauteskundeetan «eskuinak geldiarazi izana», eta aukera baliatu behar dela agenda aurrerakoian «aurrera egiten jarraitzeko». Kezka agertu du norabide horretan «erresistentzia» batzuk agertu direlako: alde batetik, EAJk agenda horretako zenbait eduki, hala nola etxebizitza legea, gogoko ez dituelako, eta beste aldetik PSOEk «programaren inguruko konpromiso zehatzak» hartzeari muzin egin nahi diolako. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei begira, berriz, Ezker Anitza-IUrentzat «zerbitzu publikoen defentsa» izango da xede nagusia, eta «ziklo aldaketa» bultzatu nahi dute: «Bada garaia ezkerrak legebiltzarrean gehiengoa izateari utzi eta Gobernu Kontseiluan nagusi izaten hasteko». Mendia: «Ez da gure proposamena» Beste eragile batzuek ere eman dute Urkulluren proposamenaren inguruko iritzirik. Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde Idoia Mendiak esan du Urkulluk egindakoa ez dela sozialisten proposamena: «Hori mundu guztiak daki, eta berak ere bai». Edonola ere, «alde positiboak» ikusten dizkio Mendiak Urkulluren proposamenari. Haren ustez, Urkulluk «aldebakartasunari» uko egin dio bere planteamenduan: «Ekinbide horrekin, onartzen ari da edozein proposamen [Espainiako] konstituzioaren esparruan egin behar dela, eta aldebakartasunean oinarrituta ezin dela aurrera egin». El País egunkarian argitaratutako iritzi artikuluan, Urkulluk proposatu du «konstituzioaren zati baten interpretazio adostua» egitea nazio auziari irtenbidea bilatzeko. Mendiak, berriz, uste du badagoela konstituzioa interpretatzeko eginkizuna duen organo bat, «eta hori Auzitegi Konstituzionala da». Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako estatus politiko berria adosteko eztabaida gogora ekarri du Mendiak, eta esan du Eusko legebiltzarrean eztabaida horri ekin ziotenean «alderdi abertzaleak ez ziren haien artean ados paratzeko gauza». Mendiak ez du uste legebiltzarrerako hauteskundeak egin arte gelditzen diren hilabeteetan alderdi abertzaleek berriro ekingo diotenik eztabaida horri: «Beste kontu bat da hauteskunde prozesuan alderdi horiek zer aurkeztuko duten euren programetan». Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako PPren presidente Carlos Iturgaizek, berriz, «burutaziotzat» jo du Urkulluren proposamena, eta gaineratu du horren asmo bakarra «eldarnio nazionalistak asebetetzea» dela. Haren ustez, Espainiako Konstituzioa «arriskuan» dago: «Konstituzioa ezin da utzi hura suntsitu eta hankapean ibili nahi duten sezesionisten eskuetan». Iturgaizen iritziz, konstituzioa aldatu beharko balitz, hori «espainiar guztien zeregina» litzateke, eta ez soilik «sezesionistena».
2023-9-1
https://www.berria.eus/albisteak/232318/gabongo-oposizioak-elkarrizketak-hasteko-deia-egin-dio-junta-militarrari.htm
Mundua
Gabongo oposizioak elkarrizketak hasteko deia egin dio junta militarrari
Estatu kolpearengatik zoriondu dituen arren, hauteskundeetako emaitzak errespetatzeko eskatu die oposizioak militarrei. Juntako lider Brice Oligui Nguema astelehenean da presidente karguaren zina egitekoa.
Gabongo oposizioak elkarrizketak hasteko deia egin dio junta militarrari. Estatu kolpearengatik zoriondu dituen arren, hauteskundeetako emaitzak errespetatzeko eskatu die oposizioak militarrei. Juntako lider Brice Oligui Nguema astelehenean da presidente karguaren zina egitekoa.
Gabongo oposizioko Alternantzia 2023 alderdiak bi eskaera egin dizkio herenegun estatu kolpea eman zuen junta militarrari: bi aldeen arteko elkarrizketak hasteko eta oposizioko lider Albert Ondo Ossak boz orokorrak irabazi zituela aitortzeko. Larunbatean egin zituzten hauteskunde orokorrak han, eta Alternantzia 2023 izan zen bigarren, botoen %30,7 bilduta. Militarrek estatu kolpea eman eta bi egunera iritsi da oposizioaren erantzuna: «Gure herrialdeak batasuna eta kohesioa behar ditu, ez banaketa. Gabongo herritarren gehienek Ossa hautatu zuen presidente, eta ezin diegu eskatu hautu horri uko egiteko. Gabongo herriak ez du onartuko». Alternantzia 2023k —sei alderdik osatutako koalizioa da— hauteskunde prozesuarekin jarraitzeko eskatu die militarrei. Oposizioaren arabera, «ezinbestekoa» da militarrek haiekin negoziatzea. Ezinbestekoa, behintzat, «nazioarteko komunitateak ezarritako zigorrak eta bakartzea» saihestu nahi badituzte. «Proposatzen dugun bidea arrazoiaren, jakintzaren, zuzenbide estatuaren eta demokraziaren bidea da», berretsi dute atzo zabaldutako oharrean. Bide horren amaieran, bi aldeen arteko gobernu bat egon liteke, «irtenbide onena elkarlanean bilatzea» proposatu baitiete militarrei, eta prest agertu dira gobernua haiekin partekatzeko. Are, estatu kolpearengatik zoriondu egin dute junta militarra. Kolpistek asteazkenean hartu zuten boterea, Ali Bongo presidente izendatua izan eta minutu gutxira. Hark irabazi zituen larunbateko hauteskunde orokorrak, botoen %61 lortuta. Militarren ustez, ordea, bozak ez ziren «gardenak» izan, eta «iruzurra» egitea leporatu zieten Bongori eta haren alderdiari. Iritzi horrekin bat egiten du oposizioak. «Estatu kolpea eman zutenean, Errepublikako Indar Armatuek eragotzi zuten gure herrialdea berriz ere herritarren asmoen aurka gobernatua izatea. Ekintza horrekin hauteskunde krisi larri batetik salbatu zuten gure herria». Beste iritzi bat dute, ordea, orain arte kolpearen inguruan hitz egin duten nazioarteko erakundeek eta herrialdeek. Atzo bertan, AB Afrikako Batasunak erakundetik kanpo utzi zuen Gabon, behin-behinean, «ordena berrezarri arte». Bestalde, Bongo «berehala» aske uzteko agindu die gaur militarrei, baita haren eta senideen «giza eskubideak, segurtasuna eta osasuna» bermatzeko ere. Asteazkenetik etxean dute atxilo Bongo, eta harekin daude senideak eta medikuak. Beste lehia bat presidentetzarako Estatu kolpea eman eta ordu gutxira, juntako burua eta trantsiziorako presidentea hautatzeko bildu ziren junta militarreko kideak. Brice Oligui Nguemaren alde egin zuten guztiek, eta datorren astelehenean da karguaren zina egitekoa, Gabongo Auzitegi Konstituzionalean. Orain arte, Guardia Errepublikanoko burua izan da Nguema, eta boteretik kendutako Bongo presidente ohiaren lehengusua da. «Pixkanaka trantsizioko erakunde guztiak» berrezarriko dituela eta «atzerriko eta herrialdeko konpromiso guztiak» errespetatuko dituela ziurtatu du junta militarreko liderrak. Halere, oposizioak ez du begi onez ikusi haren izendapena. Bongoren lehengusua izanik, Ossak uste du bai asteazkeneko estatu kolpea, bai Nguema herrialdeko trantsizioko presidente izendatzea «Bongo familia boterean mantentzeko estrategia bat» direla. Haren arabera, hautagai bakarra dago presidente kargua eskuratzeko: bera. Hala aldarrikatu zuen atzo TV5 Monde telebista katean egindako elkarrizketan. Oraindik ez dute hitz egin Nguemak eta Ossak, nahiz eta biek adierazi duten horretarako prest daudela. Edonola ere, ikusteko dago nork emango duen lehen pausoa. Ossak irmo berretsi zuen atzo: «Nik irabazi nituen hauteskundeak; beraz, hark etorri behar du nigana, ez nik harengana».