date
stringdate 2012-09-20 00:00:00
2023-12-01 00:00:00
| url
stringlengths 47
182
| category
stringclasses 10
values | title
stringlengths 3
140
| subtitle
stringlengths 0
1.17k
| summary
stringlengths 5
1.18k
| text
stringlengths 2
35.8k
|
|---|---|---|---|---|---|---|
2023-9-1
|
https://www.berria.eus/albisteak/232319/laquoeuskal-ordainketa-sistema-herritarra-eta-publikoa-dugu-xederaquo.htm
|
Ekonomia
|
«Euskal ordainketa sistema herritarra eta publikoa dugu xede»
|
Ekhilur ordainketa sistema Bilbon eta Hernanin dago martxan gaur egun. Hego Euskal Herri osoan erabilgarri egotea da etorkizuneko helburua.
|
«Euskal ordainketa sistema herritarra eta publikoa dugu xede». Ekhilur ordainketa sistema Bilbon eta Hernanin dago martxan gaur egun. Hego Euskal Herri osoan erabilgarri egotea da etorkizuneko helburua.
|
Alex Lopez (Zarautz, Gipuzkoa, 1973) Ekhilur ordainketa sistemaren sortzaileetako bat da. Sistema hori Bilbon eta Hernanin (Gipuzkoa) dago martxan 2021. urteaz geroztik, eta helburua da erabiltzaileek beren diruaren kontrola izatea eta dirua beste era batera ulertzea. Bizum edo Visa ordainketa sistemen alternatiba gisa agertu da Ekhilur, eta saltoki handien garaiotan herritik eta herriarentzat sorturiko sistema bat eskaintzen du. Hedapena gutxinaka egin beharra dago, herriz herri.
Zein da Ekhilur kooperatibaren filosofia?
Batetik, puntu garrantzitsu bat bertako merkataritza sustatzea da. Eta, bestetik, ordainketa sistemen gaineko kontrola berreskuratzea. Gaur egun, sistema elektronikoak oso azkar sartzen ari dira gurean, eta badirudi gure diruaren burujabetasuna jada galdua dugula, baina berreskuratu daiteke. Menpekotasunik gabeko sare bat sortu dugu, eta sare horren erabakimena herritarren esku utzi nahi dugu. Horregatik da kooperatiba, eta irabazi asmorik gabea.
Eta, zer harrera izan du proiektuak?
Harrera ona izan du. Bilbon eta Hernanin ezarri genuen, eta martxan jartzeko bi estrategia ezberdin erabili genituen bi udalerrietan. Bilbon, pedagogiaren eta kontzientziazioaren aldeko apustua egin genuen: hitzaldien bitartez, proiektuaren filosofia eta alderdi etiko-soziala azalduz. Hernanin, berriz, fidelizazio sistema bat jarri genuen martxan: horrek pizgarri ekonomiko bat du barnean, eta hobeto funtzionatu du. Guztira, Bilbon 40 komertzio inguru ditugu Ekhilurren ordainketa sistemarekin, eta, Hernanin beste 110 inguru. Gainera, Hernanin 900 erabiltzaile inguruk eman dute izena. Guztira, Ekhilurrek 11 hilabetean milioi bat eurotik gora mugitu du dagoeneko.
Fidelizazio sistema aipatu duzu: zer da hori zehazki?
Hernaniko Udalak Ekhilurren bidez eginiko erosketen diruaren %10 itzultzen dio erabiltzaileari. Diru hori Ekhilur kontuan sartzen zaio erosleari berriro ere, baina Hernaniko Ekhi moduan izendatzen da: soilik Hernaniko sarean erabiltzeko. Hori da merkataritza gune handiek erabiltzen duten taktika, Eroski txartelak esaterako, eta guk, metodo hori kopiatu, eta herriko dendentzat erabilgarri jartzen dugu. Datorren urtean, Bilbon ere estrategia hori ezarriko dugu, hiriko barne komertzioa bultzatzeko eta Bilboko sarea indartzeko. Uste dugu Bilbon Hernanin lorturiko datuak edo are hobeak lor ditzakegula.
Proiektuarekin gizartearen pentsamenduan eragin nahi duzue hein handi batean, ezta?
Bai. Guk ezin dugu gure diru propioa sortu, hori banketxeen kontua baita, baina diru hori mugitzeko tresna kontrolatu dezakegu; hori da guk sortu duguna. Sistemaren gaineko kontrola izanik, sistemaren barneko diruaren ezaugarrien kontrola markatu dezakegula uste dugu. Astakeria dirudi, baina pertsonen arteko erlazioak eraldatzeko ere erabili nahi dugu dirua. Dirua, azken finean, akordio soziala da, eta hori aldatu daiteke, diruaren ezaugarriak aldatuz gero. Horretan ari gara. Jendeak ez du pentsatzen zer den berez dirua, baina erlazionatzeko modu oso eraginkorra da, eta horretan eraginez gizartean eragingo dugu.
Zeintzuk izaten dira komertzioen kezka nagusiak?
Dendarien artean, gehienetan, aurreiritzi asko dago. Ekhilur txanpon lokalarekin erlazionatzen dute nolabait: zirkuitu itxia, dirua atera ezin izatea, eta abar. Askotan, txanpon lokalak lokalegiak dira, eta hasieratik argi genuen hori traba bat dela; hortaz, gurean dirua zirkuitutik atera dezakezu —komisio txiki batekin—. Horrez gain, beste kezka bat sistemaren kostua da. Ekhilurren kostua oso txikia da, baina, sistema berria denez, hasieran beldurra dago komertzioen artean. Hala ere, ikusi dugu behin dinamika hartuta dendariak ondo moldatzen direla.
Nolakoa izan zen sistema abian jartzeko lana?
Hiruzpalau urte behar izan genituen horretarako. Traba nagusia traba legala izan zen, diruaren mundua oso erregulatua baitago, eta betetzen zailak diren hainbat baldintza bete behar direlako. Babes legala emango zigun entitate bat topatzea izan zen zailena. Horrez gain, alderdi teknikoa abian jartzeak ere zailtasunak ditu. Aplikazio bat dugu, eta horrek egiten ditu operazio guztiak. Aplikazio horrek banku lizentziadunen entitatearekin konektatuta egon behar du, eta egitura guztia finkatzea, adostea eta finantzatzea zaila da.
Zer aldaketa pentsatu dituzue etorkizunera begira?
Alderdi legala eta teknikoa ematen zizkiguten enpresak txiki geratu zaizkigu. Haiek ez zuten espero izaniko «arrakasta», ezta guk ere. Entitate horien errekurtsoak mugatuak dira, eta, dugun hazkundearekin eta erabilera tasarekin, sistemak gainezka egingo luke. Beraz, garapenera bidean, gure aplikazio propioa sortu nahi dugu, eta babes legala emango digun beste hornitzaile baten bila ari gara.
Eta beste herri batzuetara hedatzeko planik ba al duzue?
Etorkizunean sistema Hego Euskal Herri osoan ezartzea da helburua: euskal ordainketa sistema publiko eta herritar bat ezarri nahi dugu. Baina poliki joan behar dugu. Hurrengo urtera begira, Hernanikoari eutsi nahi diogu, proiektuaren bideragarritasuna aztertzeko. Bilbon, ondo bidean, sistema zabaltzen hasiko gara. Eta, horrez gain, hasiak gara Hernani inguruko zenbait herrirekin eta beste hainbatekin kontaktuan jartzen. Irun da horietako bat, eta puntu estrategikotzat jotzen dugu Ipar eta Hego Euskal Herrian ordainketa sistema bateratu bat izateko. Euskoarekin hitz egiten ari gara, bi proiektuak bateragarri egiteko eta mugaz gaindiko proiektu bat egiteko.
Nola finantzatzen da Ekhilur?
Hainbat finantzaketa iturri ditugu. Gure helburua da sistema partekatua izatea, baita kostuan ere, eta bakoitzak ahal duen neurrian ekonomikoki laguntzea. Horregatik, aurrera begira, jendeak eta komertzioek kuota bat ordainduko dute Ekhilur kontua aktibatzeagatik: bazkidetza kuotak. Gainera, udalaren ikuspegitik oso interesgarria da diru publikoa proiektura bideratzea, herriko komertzioei eta herritarrei lagunduko baitiete; hortik ere dirua jasoko dugu. Azkenik, Jaurlaritzaren edo diputazioen diru laguntzak ere eskatzen ditugu.
Sistemaren zer beste berezitasun nabarmenduko zenituzke?
Dohaintzak ere badaude: erabiltzaileek sistema barruan nahi duten elkartera bideratzen dute hilabeteko saldoaren batezbestekoaren % 0,5. Hori, bolumena lortzean, diru iturri garrantzitsu bat izan daiteke elkartearentzat, eta Hernanin 1.500 euro inguru bildu dira dohaintzan. Elkarteen sarea indartzeko eta kontsumo sistemara integratzeko modu bat dela uste dugu.
|
2023-9-2
|
https://www.berria.eus/albisteak/232320/zinemaldiak-euskarazko-azpidatziekin-emango-ditu-sail-ofizialeko-film-guztiak.htm
|
Kultura
|
Zinemaldiak euskarazko azpidatziekin emango ditu Sail Ofizialeko film guztiak
|
Euskarazko hamalau lan programatu dituzte jaialdian; tartean, lau estreinaldi: Josu Martinezen 'Bizkarsoro' eta 'Mirande, film baterako zirriborroa'; Fermin Muguruzaren 'Bidasoa 2018-2023'; eta Bertha Gaztelumendiren eta Rosa Zufiaren 'Arnasa batean, emakume zinegileak'. Paco Sagarzazu aktoreak jasoko du Zinemira saria.
|
Zinemaldiak euskarazko azpidatziekin emango ditu Sail Ofizialeko film guztiak. Euskarazko hamalau lan programatu dituzte jaialdian; tartean, lau estreinaldi: Josu Martinezen 'Bizkarsoro' eta 'Mirande, film baterako zirriborroa'; Fermin Muguruzaren 'Bidasoa 2018-2023'; eta Bertha Gaztelumendiren eta Rosa Zufiaren 'Arnasa batean, emakume zinegileak'. Paco Sagarzazu aktoreak jasoko du Zinemira saria.
|
Zuzendariz, aktorez eta ekoizlez bete-bete eginda zegoen atzo goizean Tabakalerako zinema aretoa: berrehundik gora lagun elkartu ziren Donostiako 71. Zinemaldian parte hartuko duen euskal zinema aurkezteko. Euskal Herriko hemeretzi film emango dituzte denera; tartean, nagusiki euskaraz egindako hamar lan, eta beste hizkuntza batzuen artean euskara ere baduten lau. Gainera, aurten, aurreneko aldiz, Donostiako Kursaal 1 aretoan programatutako Sail Ofizialeko film guztiak euskarazko azpidatziekin emango dituzte.
«Urrats handi bat» egingo dute hala, Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendariaren hitzetan. Ruth Perez de Anucita komunikazio arduradunak eta biek hitz egin zuten agerraldian. «Euskal zinemaren bilakaera, hein handi batean, euskararen garapenaren eskutik da», esan zuen Perez de Anucitak.
Sail Ofizialeko filmak jatorrizko hizkuntzan emango dituzte, eta hiru hizkuntzatan azpidatzi, behar izanez gero: euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Sail Ofizialetik kanpo, 28 film emango dituzte euskarazko azpidatziekin; Zuzendari Berriak sailean lau, Zabaltegi-Tabakaleran 11, Perlak-en lau, Culinary Zineman bi, eta Hiroshi Teshigahararen atzera begirakoan zazpi.
«Borondatea baldin badago, posible da gauzak aldatzea. Segi dezagun bultzatzen, pantailak euskaraz eduki arte». Mezu hori zabaldu du Pantailak Euskaraz mugimenduak, Zinemaldiaren erabakia «txalotzeko». Iaz, elkarretaratze bat egin zuten jaialdiaren lehen egunean, eta, hain justu, hori zen eskakizun nagusia: emanaldietan euskara sustatzeko neurriak hartzea.
Euskarazko lau film estreinatuko dituzte Donostiako 71. Zinemaldian; erdiak, Josu Martinezenak. Ezaguna du jaialdia, Zinemira sailean aurkeztu baitzituen Sagarraren denbora (2010) eta Paperezko hegoak (2021). Aurten, bi film erakutsiko ditu sail berean: Bizkarsoro alegiazko herri batean kontaturiko bost istorio errealez osatuta dago; Mirande, film baterako zirriborroa —Zinemira saila bukatuko du— Jon Mirande idazlearen bizitzari eta lanari buruzko dokumental bat da.
Fermin Muguruza musikari eta zinemagileak Bidasoa 2018-2023 dokumentala aurkeztuko du, migratzaileek Europara iristeko egindako bidaia dramatikoaren kontakizun bat. Zinemaldian aurkeztu izan ditu bere aurreko lanak ere: Zabaltegin (Zuloak, 2012), Zinemiran (Black Is Beltza, 2018) eta Belodromoan (Black Is Beltza II: Ainhoa, 2022).
Horrez gain, Euskal Zinemaren Galan pantailaratuko dute Bertha Gaztelumendiren eta Rosa Zufiaren Arnasa batean, emakume zinegileak. Euskal Herriko emakumeek sortutako zinemaren ingurukoa da. Lau pelikula horiez gain, euskal zinemaren Irizar sarirako lehian izango da Isabel Hergueraren El sueño de la sultana animaziozko lana ere —Sail Ofizialean emango dute—.
Rebordinosek euskal zinemaren «nazioarteko arrakasta» nabarmendu du, Zinemaldian emango dituzten film batzuk atzerriko jaialdi garrantzitsuetan aurkeztu baitituzte lehenago. Horiek lehiaketatik kanpo proiektatuko dituzte, Zinemira sailean: Estibaliz Urresolaren 20.000 especies de abejas —saila abiatuko du—, Iratxe Fresnedaren Tetuan, Paul Urkijoren Irati, Silvia Munten Las buenas compañías, Amat Vallmajor del Pozoren Misión a Marte —Elias Kerejeta Zine Eskolako ikasle ohia da— eta Felix Viscarreten Una vida no tan simple.
Film horiez guztiez gain, EITB galan, ETBren euskarazko fikziozko telesail berria aurkeztuko dute: Itxaso. Surfaren munduan girotu dute istorioa. Antonio Diaz Huertak zuzendu du, eta Jon Plazaola, Nerea Mazo, Itziar Atienza, Jon Mendia eta Nerea Garmendia dira protagonistak.
Sagarzazuren bideari saria
Donostiako Zinemaldiak eta EPE eta Ibaia ekoizle elkarteek ematen dute Zinemira ohorezko saria,eta Paco Sagarzazu aktoreak (Donostia, 1940) jasoko du aurten. 1976an aritu zen lehenengoz zineman, Juanmi Gutierrezek Balantzatxoa antzezlana zinemara egokitu zuenean —euskaraz filmatutako haurrentzako lehen film luzea izan zen—. Herri Irratian esatari eta erredaktore zebilela, La fuga de Segovia (Imanol Uribe, 1981) filmeko castingera aurkeztu, eta preso baten rola eman zioten.
Ordutik, antzerkian eta zineman aritu da etengabe. Tasio (Montxo Armendariz, 1984), Ander eta Yul (Ana Diez, 1988), Aupa Etxebeste! (Asier Altuna, Telmo Esnal, 2005) eta Balada triste de trompeta (Alex de la Iglesia, 2010) filmetan lan egin du, besteak beste, baita hamaika film laburretan ere.
Zinemira sailaren barruan emango dute Kimuak katalogoko aurtengo hautaketa: zazpi film labur. «Laburrak ez dira soilik abiapuntua, joan-etorriko bideak baizik. Minutuek baino ez dituzte bereizten filmak eta istorioak», Perez de Anucitaren hitzetan. Izan ere, hautaketa horretan dago Herguera bera, La mujer ilustrada lanarekin, baita David Perez Sañudo ere, El rey de la semana-rekin —film proiektu bat prestatzen ari da Ikusmira Berriak egonaldi programan—.
Euskarazko filmak, Primeran plataforman
Unai Iparragirre ETBko zuzendaria ere izan da Donostiako prentsaurrekoan, eta Primeran izeneko streaming plataforma berriari buruz hitz egin du: «Hemezortzi hilabete luzez lanean gogor ibili eta gero, guretzat estrategikoa eta garrantzitsua den proiektu bat estreinatuko dugu. Hemendik aste pare batera jaioko da euskal eta euskarazko edukiei eskainitako streaming zerbitzurik handiena».
Plataforma horretan, Euskal Herriko ekoizpenak eta nazioartekoak jarriko dituzte eskura, euskaraz. Gainera, Donostiako Zinemaldian parte hartu duten euskal filmei eskainitako atal bat izango du.
|
2023-9-2
|
https://www.berria.eus/albisteak/232321/etxebizitza-legeari-helegitea-aurkeztuko-dio-kataluniako-parlamentuak.htm
|
Mundua
|
Etxebizitza legeari helegitea aurkeztuko dio Kataluniako Parlamentuak
|
Generalitatearen eskumen batzuk urratzen dituela iritzita hartu dute erabakia. Kongresuan legearen alde bozkatu izana aurpegiratu dio EAJk EH Bilduri.
|
Etxebizitza legeari helegitea aurkeztuko dio Kataluniako Parlamentuak. Generalitatearen eskumen batzuk urratzen dituela iritzita hartu dute erabakia. Kongresuan legearen alde bozkatu izana aurpegiratu dio EAJk EH Bilduri.
|
Etxebizitza legea Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eramango du Kataluniak, Generalitatearen eskumen batzuk urratzen dituela eta. Kataluniako Parlamentuak helegitea aurkeztea erabaki zuen atzo, JxC Junts Per Catalunyaren, CUPen eta ERC Esquerra Republicanaren aldeko botoekin, nahiz eta azken horrek legearen alde bozkatu zuen Espainiako Kongresuan.
EH Bilduk ere aldeko botoa eman zuen, apirilaren 28an. Beraz, Kataluniako Parlamentuak hartutako erabakia baliatu du EAJk koalizio subiranistari aurpegiratzeko zein hautu egin zuen Madrilen. «Ezer esaterik orain, EH Bildu?». Jeltzaleek mezu hori idatzi zuten X sare sozialean duten kontu ofizialean. Eusko Jaurlaritzak ere lege horren aurkako helegitea jarri zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalean, uztailean, argudiatuta Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren eskumenak urratzen dituela; PSE-EEk ez zuen babestu erabaki hori. EH Bilduk esan izan du, ordea, etxebizitza legeak errespetatzen dituela eskumenak, berme juridikoa ematen duela.
ERCk, baina, hasierako jarrera aldatu du, eta helegitearen alde agertu da, Kataluniako Estatutu Bermeen Kontseiluak legeari buruz egindako txostenaren ondoren —JxCk eskatu zuen txostena—. Joan den abuztuaren 4an, kontseiluak ohartarazi zuen legearen zenbait artikuluk urratu egiten dituztela Generalitateak etxebizitza eta hirigintza arloan dituen eskumen esklusibo batzuk.
ERCk eta JxCk desadostasun sakonak izan zituzten etxebizitza legeari buruz eztabaidatu zenean. ERCk akordioa lortu zuen PSOErekin eta Unidas Podemosekin legea onartzeko, eta JxC kontra agertu zen, Kataluniaren eskumen batzuk urratzen zituela iritzita.
Norabide berean bozkatu izanagatik, ERCk eta JxCk kritika gordinak egin dizkiete elkarri parlamentuaren gaurko osoko bilkuran. JxCk Esquerrari leporatu dio Kataluniaren autogobernua ez babestea PSOErekin egin dituen negoziazioetan, eta «Kataluniari errespetu» nahikoa ez agertzea. ERCk, berriz, legearen «aurrerapauso sozialak arriskuan» jartzea egotzi dio JxCri, eta gaineratu du lege hobe bat onartzea lortuko zela JxCk negoziazioetan bere indarra gehitu izan balu.
Etxebizitza legeak dioenez, autonomia erkidegoetako etxebizitza politikei «arau esparru koherente, egonkor eta seguru bat» ematen die testu horrek. Besteak beste, neurri hauek jasotzen ditu: tentsio handiko eremuetako jabeek %2 igo ahalko dute alokairua aurten, eta %3 datorren urtean, eta etxe kaleratzearen dataren eta ordu zehatzaren berri izan beharko dute etxe horretan bizi direnek, legez.
Gainera, erkidegoek jabe handien definizioa aldatu ahalko dute; orain, hamar higiezin edo gehiago dauzkatenak hartzen dira jabe handitzat, baina, lege berriarekin, bost higiezinetan jarri ahalko da langa tentsio handiko eremuetan. Tentsio handiko eremuak ezartzeko bi baldintza egongo dira, eta, bata zein bestea betetzen bada, nahikoa izango da leku jakin batzuk horrela izendatzeko: batetik, hipoteken edo alokairuen kostua —gehi gastuak— familien batez besteko errentaren %30 baino handiagoa izatea; eta, bestetik, etxe salmenta edo alokairu prezioa gutxienez KPIa baino hiru puntu gehiago garestitu izana tentsio handiko eremu izendatu aurreko bost urteetan.
Litekeena da ERC eta JxC erabakigarriak izatea Espainian hasi den legealdi berrian, Kongresuan egitasmoak onartzeko egingo diren negoziazioetan. Hasteko, PSOEk eta Sumarrek bi alderdi independentista horien babesa beharko dute, ezustekorik ezean, Pedro Sanchez gobernuko presidente izendatu eta koalizio gobernu bat eratzeko.
|
2023-9-3
|
https://www.berria.eus/albisteak/232322/bi-ipuin-naif.htm
|
Kultura
|
Bi ipuin naif
|
Iruñean 1985ean jaioa, Iñigo Astizek literatura eta kazetaritza uztartu ditu bere ibilbidean. Berriako Kultura sailean aritzen da, hain zuzen ere. Bi poesia liburu kaleratu ditu, biak Susa argitaletxearen bitartez: Baita hondakinak ere (2012) eta Analfabetoa (2019). Baina beste literatur genero batzuk ere landu ditu: kronika (Kixotenean, Elkar, 2016), saiakera (Ez duzu abusatuko, Elkar, 2017) eta haur literatura (Joemak eta polasak, Elkar, 2019). Liburu horrekin Euskadi literatura saria irabazi zuen. Bi poema antologia ere euskaratu ditu: Sylvia Plathen Ariel eta beste poema batzuk (Denonartean, 2013) eta Sandro Pennaren Bilduma bat (Farmazia Beltza, 2019).
|
Bi ipuin naif. Iruñean 1985ean jaioa, Iñigo Astizek literatura eta kazetaritza uztartu ditu bere ibilbidean. Berriako Kultura sailean aritzen da, hain zuzen ere. Bi poesia liburu kaleratu ditu, biak Susa argitaletxearen bitartez: Baita hondakinak ere (2012) eta Analfabetoa (2019). Baina beste literatur genero batzuk ere landu ditu: kronika (Kixotenean, Elkar, 2016), saiakera (Ez duzu abusatuko, Elkar, 2017) eta haur literatura (Joemak eta polasak, Elkar, 2019). Liburu horrekin Euskadi literatura saria irabazi zuen. Bi poema antologia ere euskaratu ditu: Sylvia Plathen Ariel eta beste poema batzuk (Denonartean, 2013) eta Sandro Pennaren Bilduma bat (Farmazia Beltza, 2019).
|
Gauza gehienak ahaztu egiten ditut, baina oso ona naiz dokumentalekin. Amak beti esaten dit. Adibidez, gepardoa da lurreko ugaztunik azkarrena, 130 kilometro orduko abiadura hartu dezake, eta, zaldiek, berriz, gehienez ere, 88 kilometro ordukoa. Eta panterek badakite arboletara igotzen, eta horregatik gordetzen dituzte euren ehizakiak adarretan, gazelak eta zebrak, batez ere, edo haien puskak, han goian seguru daudelako, harrapari handiagoei zail egiten zaielako haraino iristea, eta, han, bide batez, hienek ere bakean uzten dituztelako. Pantera da nire felino faboritoa. Beti bakarrik dago, baina ez du inork molestatzen, han goian. Felinoak dira katuen familiakoak direnak. Hienak ez ditut gustuko: beti dabiltzalako taldean, beren barre horrekin, eta orain ez dut gogoan haiek ere felinoak ote diren edo ez, baina lehoiak bai, badira. Lehoien artean, emeak dira beti ehizan aritzen direnak, eta arrak ehiza jadanik eginda dagoenean azaltzen dira. Zatirik onenak haiek hartzen dituzte beti. Odolarenak beldur pixka bat ematen dit, eta begiak ixten ditut, baina, gainerakoan, lehoiak bai gustatzen zaizkit; emeak batez ere. Lehoiak dira nire bigarren felino faboritoak. Badakit ere pinguinoak monogamoak direla, eta horrek esan nahi duela beti bikote berarekin ibiltzen direla. Amak esplikatu zidan hori. Gero arrak dira arrautzen gainean egoten direnak, eta oskola puskatzen denean, orduan ez dakit nork irakasten dien igeri egiten pinguino kumeei, baina, edonola ere, azkar ikasten dute. Orkek jaten dituztelako da, eta orkak ugaztunak dira, gepardoak eta panterak bezala, baina ez dira felinoak, eta uretan bizi dira, gainera, eta badute hizkuntza bat euren artean komunikatzeko. Hizkuntzarena ere gustatzen zait, batez ere nola zabaltzen den itsasoan, lagunak topatzeko. Badira txinpantze batzuk ere, adibidez, zeinu lengoaia erabiltzera iristen direnak, eta bazegoen txinpantze bat, izena ez dut gogoan, baina keinu lengoaia horri esker identifikatu ahal izan zutena, ze eduki zuten hizkuntza ikasten lehenengo, baina gero eraman egin zuen norbaitek beste leku batera, eta han egin zizkioten esperimentu pila bat, eta edukitzen zuten kaiolan sartuta eta orduan, urte pilo batera, ikusi zuen bere zaintzailea izan zen emakume bat, eta txinpantzeak egin zion eskuarekin keinu bat, horrela, esateko bera zela, eta horri esker ezagutu zuen emakumeak, eta orduan bai atera zuten handik eta eraman zuten lehenengo lekura. Ez dakit beste txinpantzeak ere atera ziren. Igual txinpantze hori da nire hirugarren animalia faboritoa, felinoen ondoren esan nahi dut. Dokumentalak asko gustatzen zaizkit, eta, gainera, beti-beti botatzen dituzte telebistan, berdin du ze ordu den. Amak esaten dit oso ona naizela dokumentalak ikusten, gauza asko gogoratzen ditudalako. Gizonak etortzen direnean jartzen dizkit dokumentalak amak, eta gero, joaten direnean eta berriz bakarrik geratzen garenean, galdetu egiten dit ea zer ikusi dudan, eta ea gustatu zaidan, eta nik azaldu egiten diot. Baina badago gizon bat, batzuetan, geratu egiten dena nirekin dokumentalak ikusten. Azkena etorri zenean makilen antza duten xomorro batzuei buruzko bat ikusi genuen, eta kamuflatzeko zela ikasi nuen. Amari gustatu zitzaion hori esan nionean, baina ez dut gogoan arra edo emea ote zen kamuflatzen zena. Gizonari galdetuko diot, igual. Ez dakit gizonak itzultzen ote diren edo ez, elefanteak bai, beti, eta kilometro pila egiten dituzte.
Zer jakingo nuen nik, ba, zer zen svastika bat. Milioi bat aldiz esan nion aitari txorrada bat baino ez zela, baina ez zuen ezertarako balio izan. Gainera, Gartxoten ideia izan zen. Ez zuen ezer entzun nahi izan, eta, total, azkenean, ni ere, bera bezala, bota egin naute ikastolatik bi hilabetez, nahiz eta nik berak baino askoz ere kulpa gutxiago dudan; azkenean, nik bi svastika bakarrik pintatu nituelako, eta Gartxotek egin zituelako beste guztiak. Baina ez dit inork kasurik egiten etxe puta honetan, eta zer esanik ez zuzendaritzan. Txikienak dira nire biak, gainera.
Begira, zigor modura jarri ziguten dokumentalarena, onartuko dut, han, hildako judu haiekin guztiekin, meta horietan eta, ba tira, interesgarria ere izan zen. Pasa egin ziren naziak, eta ulertzen dut hori dena orain, baina herriko pintada guztiak borratzen jartzea, hori gehiegizkoa izan da. Gainera, zer kulpa izango dugu guk besteek egindako pintadengatik? Eta, gainera, herriko kalerik pintatuenetik hasi behar dugula esan digute. Orain arte, urteak eman ditu pintadaz beteta inori kalterik egin gabe, eta justu guk borratu behar ditugu? Eta zer zerikusi dute pintada horiek gureekin? Ez dut ulertzen, benetan, baina edozeinek esaten dio ezer aitari orain. Aurrekoan oihuka aritu zitzaidan gau osoan. Gau osoan, tio. «Gure historiarekin!». Azkenaldian badirudi lorito bat irentsi duela, «gure historiarekin», «gure historiarekin», beti esaldi bera errepikatu eta errepikatu. Judua balitz ere. Baina horiek niri bakarrik esaten dizkit, klaro, ze harroxkoa bai, baina etxean eta nirekin bakarrik, eta zertarako balio dit niri horrek.
Gartxoten aitak bai dituela potroak.
Plantatu egin zitzaion zuzendariari, hantxe bertan, zu. Onartezina zela svastikena, hori berak ere ikusten zuela, lotsatuta zegoela, bera lehena, eta hartu behar zela neurriren bat, baina pintadak ezabatzearena neurriz kanpokoa zela esan zuen, eta aber zer lotura duten, ba, svastikek eta guri ezabatu arazi nahi dizkiguten pintada horiek guztiek, eta hori ez dela historia irakastea, historia ukatzea baizik, eta zuzendaria, tio, isilik, baietz eta baietz. Mesedez lasaitzeko eskatu zion momentu batean, ulertu behar zuela hau eta nik zer dakit zer, baina ezetz eta ezetz Gartxoten aitak, eta jarraitzen bazuen tematzen planto egingo zuela, eta, ez hori bakarrik, salatu egingo zuela ikastola, por muy ikastola que fuera, eta, zer, eta berearekin atera zen! Eta, gure aitak etxean bai, baina han isil-isilik, eta, klaro, niretzat ostia erdirik ez. Asike imajinatu ze planazoa dudan nik orain hemen, bakar-bakarrik, nik egin ez nituen svastika horiengatik herriko kalerik pintatueneko pintada guztiak borratzen, eta, joder, un huevo daude, eta zer, eta, gainera, ikastolako svastika haietako gehien-gehienak Gartxotek egin zituenean. Nireak txiki-txikiak zirelako, benetan. Ez banindu salatu, ez zituzten ikusi ere egingo.
Bere aita ETAkoa izan zela esan zidan behin Gartxotek. Eta nik ez dakit zer den ETA, baina ojala nire aita ere ETAko izan balitz, ze orduan ez nuke ibili beharko hemen auskalo noizko eta noren pintadak borratu eta borratu.
|
2023-9-4
|
https://www.berria.eus/albisteak/232325/polita-iruditzen-zait-jendeak-oraindik-beatriz-deitzea.htm
|
Kultura
|
«Polita iruditzen zait jendeak oraindik Beatriz deitzea»
|
ETB1eko 'Go!azen' telesaileko aktoreen zuzendari lanak egiten ari da azken urteetan Idoia Uranga, baita Segurako antzerki talde bat zuzentzen ere. 'Goenkale' telesailean egin zen ezagun, Beatrizen rolean.
|
«Polita iruditzen zait jendeak oraindik Beatriz deitzea». ETB1eko 'Go!azen' telesaileko aktoreen zuzendari lanak egiten ari da azken urteetan Idoia Uranga, baita Segurako antzerki talde bat zuzentzen ere. 'Goenkale' telesailean egin zen ezagun, Beatrizen rolean.
|
ETB1eko Goenkale telesailean egin zen ezagun Idoia Uranga (Azkoitia, 1972). Telesail haren ibilbidea amaitu zenetik urteak igaro diren arren, gaur egun ere telebistaren munduari hertsiki lotua jarraitzen du Arraldeko Beatriz izan zenak. Hainbat produkziotan jardun ostean, azken urteetan ETB1eko Go!azen telesaileko aktoreen zuzendari lana egiten ari da Uranga.
Aktoreek eta antzerkiaren munduan ibiltzen direnek, oro har, saltseroak izateko fama dute. Nolakoa zinen zu umetan? Eta noiz igo zinen lehenengoz oholtzara?
Ez dakit non sortua den aktoreak saltsero samarrak garela dioen esan hori; niri platerean datozen saltsak bakarrik gustatzen zaizkit… Jakin-minez beteriko neska alaia eta irribarretsua nintzen, une oro «zergatik?» galdetzen zuena. Lehen aldiz taula gainera antzeztera igo nintzenean, berriz, 19 bat urte izango nituen. Administrazio ikasketak egin nituen aurrena, eta arte dramatikoko unibertsitate titulua atera nuen gero. Ikasketak amaitu bezain pronto hasi nintzen aktore lanetan, Goenkale telesailean.
Zein da Goenkale-tik gordetzen duzun oroitzapenik onena?
Goenkale bihotzean daramat, baita bertako kide bakoitza ere. Garai oso ona eta aberasgarria izan zen niretzat, zentzu denetan.
Garai haietan, Beatriz edo Hankame zinen askorentzat. Oraindik ere Goenkale-ko Beatriz izango zara hainbatentzat…
Bai, gaur egun batek baino gehiagok deitzen dit Beatriz izenez. Ez dit axola horrek; alderantziz, polita iruditzen zait jendeak oraindik Beatriz deitzea.
Pertsonaia haren antzik ba al du egungo Idoia Urangak?
Batere ez. Une batean antzekoak izan ziren, baina orain, ez. Taberna batean lan egiten zuen gazte bat zen Beatriz, bihotzak agindutakoarekin aurrera egiten zuena. Idoia, berriz, bi seme-alabaren ama da, eta ardura asko ditu. Beatriz ez zen hazi Goenkale-n, eta ni hazi egin naiz. Etapa eta bizipen asko izan ditut; aldatu egin naiz. Horregatik dut besoan tatuaje hau: «Jarraitu zure bihotza, bidean ez galdu burua». Beatrizek zuen oldarkortasuna nuen lehen, baina kontrolatzen ikasi dut orain.
Nola bizi izan zenuen jendearentzat ezaguna izate hori?
Goenkale boom bat izan zen. Audientzia handia zuen, edozein tokitan ezagutzen gintuzten… Oso ondo barneratu nuen hori guztia, denek begi onez agurtzen ninduten eta. Gauza onak esaten zizkiguten, eta hori gustuko izaten genuen; festetara joandakoan, astakeriak ere entzuten genituen, baina gauza onei bakarrik kasu egiten nien nik. Lagunak nazkatu ere egiten nituen festara joan eta jarraitzaileekin sinaduretarako eta argazkietarako gelditzen hasten nintzenean.
Anekdotaren bat edo beste ere izango duzu…
Jose Cruz Gurrutxaga aktore azkoitiarrak Carlosen rola antzezten zuen Goenkale-n, eta denboraldi batean Beatrizen bikotekidea izan zen. Oso lagun onak ginen handik kanpo ere; pentsa, arte dramatikoko eskoletara elkarrekin joaten ginen. Hori horrela, emakume azkoitiar batek behin nire amari esan zion beste mutil batekin ikusi ninduela telebistan, eta kontuz ibiltzeko; garai hartan ezkontzekotan-edo izango nintzen. Ama harrituta gelditu zen, emakume hark errealitatea eta fikzioa nola nahastu zituen ikusita. Beste behin, Orioko plazaren alboko malda batean sekuentzia bat grabatzen ari ginela, lurrera erori nintzen. Oinetakoari takoia hautsi zitzaion, eta gizon baten gainera erori nintzen; eskerrak hari, bestela muturra hautsiko nuen eta!
Goenkale-ren falta sumatu al duzu inoiz?
Bai, noski. Arte dramatikoko titulua lortu, lanean hasi, eta dirua lortzen hasi nintzen Goenkale-n. Etapa zoragarria izan zen; gustuko nuena egiten nuen, eta jende ederrarekin, gainera. Aktore izateari utzi eta urte batzuetara, gainera, Goenkale-ko aktoreen zuzendari gisa aritzeko aukera izan nuen. Esan behar dut, era berean, Goenkale-tik igarotako aktore gehientsuenok Whatsapp talde bat dugula.Urtean behin bada ere, elkartu egiten gara.
Gaur egun, aktoreen zuzendaria zara Go!azen telesailean. Hamargarren denboraldia du saioak. Nola ikusten duzu barrutik?
Oso gogorra da Go!azen telesail musikalean lan egitea, egunero 11-12 orduz aritzen baikara lanean. Hala eta guztiz ere, denbora gutxi da hori, atal asko grabatu behar izaten ditugu eta. Dena den, makina bat ordu elkarrekin lanean aritzeak bigarren familia bat osatzea dakar, elkarri laguntzea eta elkar babestea.
Zer esango lioke gaur egungo Idoia Urangak oholtzara aurrenekoz igo zen Idoia Uranga hari?
Oholtzara igo aurretik komunera joateko, ez izateko ikusleen beldurrik, eta gozatzeko.
ETB1en fikziozko ekoizpen bakarrenetakoa da egun Go!azen. Zer iradokitzen dizu horrek?
Ez naiz gai erantzuteko zergatik ez diren egiten ETB1en gaur egun fikziozko proiektu gehiago. ETB ikus-entzunezkoen hedabide publikoa da, eta haren ekintza ildoa da jasotako diru laguntzen bidez euskaraz informatzea, entretenitzea, eta eduki eta formatu berrien bidez talentu sozial-profesionalen garapena sustatzea.
Eta zer bide jorratu beharko lirateke euskarazko ikus-entzunezkoak indartzeko?
Telebistaz gain, bestelako plataforma batzuk ere badaude egun. Dena den, irakurri dut plataforma horiek ere galtzen hasi direla, harpidetza moduak aldatu dituztelako. Plataforma horien aldean telebista beti galtzen ateratzen dela diote batzuek, eta, gainera, euskararekin mundua txiki gelditzen dela. Baina ez dakit hori aitzakia ez ote den. Ikus-entzuleok aukera asko ditugu egun, baina gauza erakargarriak sortu behar dira, jendeak gero aukera egin dezan. Kulturalki ere gauza garaikide ederrak egin daitezke; tamalez, horrelako gutxi ikusten ditut.
Goenkale edo Go!azen, zein aukeratuko zenuke?
Oso nostalgikoa naiz, eta Goenkale esango dut; horrenbeste urte pasatuta, oso idealizatuta daukat. Baina Go!azen asko maite dut, eta bertako kideak ere bai.
Hasiko al zinateke berriro Goenkale-ren moduko telesail batean aktore lanetan?
Bai, bi aldiz pentsatu gabe, gainera! Denbora asko daramat aktoreen atzean. Lehen, banuen nire ihesbidea [Azpeitiko] Lakrikun antzerki taldean, han antzeztu egiten nuen eta. Orain, ordea, ez; pandemiatik etenda dago haren jarduna. Go!azen-en azken denboraldian sekuentzia batean parte hartu nuen, eta dibertigarria izan zen.
Beste leku batean bada ere, antzerkiari eusten diozu, ezta?
Segurako Xirikara antzerki taldeko zuzendaria naiz. Mirari Martiarenak idatzitako antzezlan bat prestatzen ari gara orain; toka eta noka erabiltzen ditugu, hitanoa eguneratzeko, ezagutarazteko eta zabaltzeko asmoz.
Aspertu al zara inoiz zure lanaz?
Horrenbeste maite dudan aktore-zuzendari lanaz ezin naiz aspertu sekula. Urte zailak izan dira, eta beste lan batzuetan ere aritu naiz. Hor dago, esaterako, Beatriz pertsonaiarekiko dudan lotura: zerbitzariak gara biok!
Udal politikan ere aritu zinen. Zer oroitzapen dituzu?
Edonoren bizitzan dauka eskua sartuta politikak. Gaztetatik defendatu eta aldarrikatu izan ditut nire pentsamendu politikoak, eta beti erabili izan dut eskubide hori, era pertsonalean betiere. 2015-2019ko agintaldian Azkoitiko zinegotzia izan nintzen EH Bildurekin. Zalantzak izan nituen, asko hausnartu behar den kontua baita; niretzat, gainera, prestatu egin behar da horretarako. Kultur zinegotzia izateko aukera eskaini zidaten, eta nire eremua zela ikusita onartu nuen, herriaren alde kulturalki zerbait egin nezakeelakoan. Asko ikasi eta irakurri behar izan nuen, bilerak eta ikastaroak egin… Udaletik kanpo ere lanean jarraitu nuen, eta, zintzoa izanda, handi gelditu zitzaidan udal jarduera; borondatea izan arren, denbora gutxi izan nuen. Esperientzia ona bezain gogorra izan zen, eta udalaren funtzionamenduko zenbait gauza ez zitzaizkidan gustatu; eskarmentatu nintzen horrekin.
Azkoitiarra izan arren, tarteka Azpeitiko euskalkian diharduzu.
Sarritan galdetu izan didate Azpeitiko euskalkia nondik ote datorkidan. Aita —goian bego—, Nicolas Uranga, azkoitiarra zen, eta ama, Marisa Salegi, azpeitiarra. Lagun on asko ere azpeitiarrak ditut… Euskalki guzti-guztiak maite eta babesten ditut, gure hizkuntzaren aberasgarri dira eta; are gehiago hitanoa.
Zer antzezlanetan parte hartu duzu gustu handienez?
Lakrikunen Greban gaude! antzezlana oso berezia izan zen, Lakrikunen aurrenekoa eta hiru emakumek sortua izan baitzen. Burutik eta bihotzetik ateratako komedia bat izan zen, geure buruaz barre egiteko. Asko gozatu nuen. Urte askoan antzeztu genuen, eta bidean haurdun ere gelditu nintzen. Dena den, antzezten jarraitu nuen. Jendearen gustukoa izan zen, eta funtzionatu egin zuen.
Etorkizunean ezer berririk probatzeko asmorik ba al duzu?
Arlo gehientsuenak ukitu ditut dagoeneko, baina zinemagintza gelditzen zait probatzeko. Asko joaten naiz zinemara, eta gustura egingo nuke proba arlo horretan.
|
2023-9-1
|
https://www.berria.eus/albisteak/232326/gaur-sartu-da-indarrean-herritarren-haserrea-piztu-zuen-erretreten-erreforma.htm
|
Ekonomia
|
Gaur sartu da indarrean herritarren haserrea piztu zuen erretreten erreforma
|
Iparraldean milaka eta Frantzian milioika pertsona atera ziren kalera erretiro adina 64 urtera ez luzatzea eskatzeko.
|
Gaur sartu da indarrean herritarren haserrea piztu zuen erretreten erreforma. Iparraldean milaka eta Frantzian milioika pertsona atera ziren kalera erretiro adina 64 urtera ez luzatzea eskatzeko.
|
Kaleak, Frantziako Asanblea eta Kontseilu Konstituzionala hankaz gora jarri zituen erreforma, erretreten erreforma hain zuzen, gaur sartu da indarrean, eta hemendik aurrera Ipar Euskal Herriko eta Frantziako langileek gutxienez 64 urte izan arte egin beharko dute lan erretiroa hartzeko.
Emmanuel Macron Frantziako presidentearen bigarren agintaldiko lehen erreforma handia izan da hori, eta sindikatuak eta milioika herritar aurka izan ditu hainbat hilabetez, erreforma atzera botatzeko eskatuz. Frantziako Gobernuaren arabera, Gizarte Segurantzaren kontuak orekatzeko «ezinbesteko» erreforma izan da; izan ere, erreforma hori babesteko Macronek eta Elisabeth Borne lehen ministroak erabili duten argudio nagusia Gizarte Segurantzaren defizit maila izan da. Haien ustez, erretiro adina atzeratu ezean, Frantziako pentsio sitemak defizit eta presio «jasanezinak» izango lituzke.
Erretiro adina 62 urtetik 64ra gibelatzeaz gain, gehiengo pentsioa jasotzeko egin beharreko lan denbora ere handitu dute. Lehen, 42 urte kotizatu behar ziren pentsioa osorik jasotzeko, baina 2027tik aurrera 43 urtez kotizatu beharko dute langileek.
Apurkako aldaketa
Erretiroaren adina eta kotizatu beharreko denbora, baina, ez dira kolpez handituko, gutxinaka handituko baitira. Hala, erretiro adina 2030ean iritsiko da 64 urtera. Gaurtik aurrera, baina, erretiratu nahi duten Iparraldeko eta Frantziako langileek 62 urte eta hiru hilabete izan beharko dituzte eginak, eta ez 62 urte. 2027an 63 urtera iritsiko da erretiro adina, eta 2030ean, 64ra.
Kotizazio epeari dagokionez, atzo 168 hiruhileko kotizatu behar ziren pentsio osoa jasotzeko, baina gaur 169 hiruhileko dira. Gutxinaka handituz joango da lan egin beharreko denbora tartea, eta 2027an 172 hiruhilekora iritsiko da.
Hamaika buelta
Iazko abenduan azaldu zuen Bornek erretreten erreforma, eta hasieratik sortu zuen aurkako mugimendua. Erreformaren nondik norakoak aurkeztu aurretik, sindikatuek iragarri zuten protesta handiak antolatuko zituztela gobernuaren nahia zapuzteko. Urtarrilean hasi ziren protesta eta greba egunekin, eta hainbat hilabetez milaka lagun atera ziren kalera Ipar Euskal Herriko eta Frantziako hiri nagusietako kaleetara. Sindikatuen arabera, protesta egun batzuetan milioi bat lagun baino gehiagok hartu zuten parte manifestazioetan, eta gau batzuetan istilu larriak izan ziren manifestari eta poliziaren artean, Parisen eta Marseillan batez ere.
Frantziako Asanblean ere, hainbat alderdi politiko erreformaren aurka agertu ziren hasieratik, eta hainbat gauza egin zituzten gobernuaren nahia zapuzteko: jatorrizko testuari milaka zuzenketa aurkeztea, esaterako. Azkenean, Macronek Frantziako Konstituzioko 49.3 artikuluaren bidez onartu zuen erreforma, eta, ondoren, bi zentsura mozio gainditzea lortu zuen; horietako bat, LIOT taldeak aurkeztutakoa, gutxigatik gainditu zuen, bederatzi botorengatik.
Kaleak sutan ziren bitartean, kasua Frantziako Kontseilu Konstituzionalera iritsi zen, baina hark ere oniritzia eman zion testuari apirilaren 14ean, sei xedapeni izan ezik. Tartean, sindikatuak eta gobernua elkartu egin ziren, baina gutxirako balio izan zuen, inork ez baitzuen amore emateko asmorik. Erreferendumaren aukera ere entzun zen, baina Kontseilu Konstituzionalak ukatu egin zuen.
|
2023-9-1
|
https://www.berria.eus/albisteak/232327/monika-hernandok-utzi-egin-du-eusko-jaurlaritzako-biktimen-eta-giza-eskubideen-zuzendari-kargua.htm
|
Politika
|
Monika Hernandok utzi egin du Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendari kargua
|
Bilboko Udaleko Berdintasun eta Bizikidetza Sailaren ardura hartuko du aurrerantzean. EAEko Aldizkari Ofizialak eman du haren kargugabetzearen berri, gaur.
|
Monika Hernandok utzi egin du Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendari kargua. Bilboko Udaleko Berdintasun eta Bizikidetza Sailaren ardura hartuko du aurrerantzean. EAEko Aldizkari Ofizialak eman du haren kargugabetzearen berri, gaur.
|
Monika Hernandok ez du jarraituko Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendari karguan. EAEko Aldizkari Ofizialean argitaratu da Hernandoren kargugabetzea, gaur. Eusko Jaurlaritzak, ordea, ez du kargugabetzearen jakinarazpen ofizialik egin, ohikoa den moduan. Aurrerantzean, Hernandok Bilboko Udaleko Berdintasun, Bizikidetza, Lankidetza eta Immigrazio Zuzendaritzaren ardura hartuko du. Jaurlaritzako Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak berri agentzien bitartez jakinarazi du Hernandoren kargu berria. Hernando (Bilbo, 1971) 2013tik izan da Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria, Maixabel Lasaren lekukoa hartuta. Jaurlaritzak oraindik ez du jakinarazi nork beteko duen Hernandoren hutsunea hemendik aurrera.
|
2023-9-1
|
https://www.berria.eus/albisteak/232328/bi-gizonek-andre-bati-eraso-egin-diote-baionan-eta-larriki-zauritu-dute.htm
|
Gizartea
|
Bi gizonek andre bati eraso egin diote Baionan, eta larriki zauritu dute
|
Andrea ospitaleratu egin behar izan dute, zauriengatik. Frantziako Poliziak adierazi du bi erasotzaileetako bat atxilotu dutela eta bestearen bila ari direla.
|
Bi gizonek andre bati eraso egin diote Baionan, eta larriki zauritu dute. Andrea ospitaleratu egin behar izan dute, zauriengatik. Frantziako Poliziak adierazi du bi erasotzaileetako bat atxilotu dutela eta bestearen bila ari direla.
|
Bi gizonek andre bati eraso egin zioten atzo Baionan, eta andrea ospitaleratu behar izan zuten suhiltzaileek, erasotzaileek larriki zauritu baitzuten. Aurpegia zauritu zioten, besteak beste. Frantziako Poliziak adierazi du Lapurdiko hiriburuko etxe okupatu batean egin zutela eraso matxista.
Poliziak adierazi du bi erasotzaileetako bat atxilotu dutela, eta bestearen bila ari direla, ihes egin baitu. Biak anaiak direla esan du Poliziak.
|
2023-9-1
|
https://www.berria.eus/albisteak/232329/urdulizko-144-langileko-lantegi-bat-itxi-nahi-du-stellantisek.htm
|
Ekonomia
|
Urdulizko 144 langileko lantegi bat itxi nahi du Stellantisek
|
Zuzendaritzak gaur jakinarazi dio enpresa batzordeari kaleratze kolektibo bat egiteko urratsak hasi dituela.
|
Urdulizko 144 langileko lantegi bat itxi nahi du Stellantisek. Zuzendaritzak gaur jakinarazi dio enpresa batzordeari kaleratze kolektibo bat egiteko urratsak hasi dituela.
|
Stellantis autogintza taldea Urdulizko (Bizkaia) Mecaner enpresa ixteko pausoak ematen hasi da, ELA sindikatuak adierazi duenaren arabera. Antza, enpresaren zuzendaritzak gaur jakinarazi dio enpresa batzordeari (ESK, LAB, ELA eta CCOO) langileak kaleratzeko prozedura martxan jarri duela. 144 langilek lan egiten dute hartan.
ELAk esan du Mecanerren hilabeteak daramatzatela lan kargak gutxitzen, eta, beraz, lan prozesu batzuk «beste lantegi batzuetara desbideratzen». Mecaner lantegia «bideragarria» dela uste du sindikatuak, eta Stellantis taldeari eskatu dio alde batera utz ditzala lantegia ixteko asmoak, «produkzio lantokiari eta lanpostuei eusteko».
ELAk Eusko Jaurlaritzaren inplikazioa ere eskatu du, irizten baitio haren industria politika gaur jasotako mezuetan azaleratzen dela. Lantegia eta langileak babestea nahi du. Mecaner trokelgintza enpresa duela 60 urte sortu zen.
|
2023-9-1
|
https://www.berria.eus/albisteak/232330/euriteengatik-alerta-laranja-ezarri-dute-nafarroan-eta-horia-gainerako-lurraldeetan.htm
|
Gizartea
|
Euriteengatik alerta laranja ezarri dute Nafarroan, eta horia gainerako lurraldeetan
|
Gaur arratsaldean hasi eta bihar gauera arte indarrean egongo dira abisuak.
|
Euriteengatik alerta laranja ezarri dute Nafarroan, eta horia gainerako lurraldeetan. Gaur arratsaldean hasi eta bihar gauera arte indarrean egongo dira abisuak.
|
Euri jasa bortitzak eta tenperaturen jaitsiera iragarri dituzte datozen orduetarako Euskal Herri osoan. Hori dela eta, alerta laranja ezarri dute Nafarroa erdialdean eta Pirinioetan, eta horia gainerako lurraldeetan. Gaur arratsaldeko seietan ezarri dituzte alerta eta abisu guztiak.
Alerta laranja gauerdira arte luzatuko da Nafarroako Pirinioetan. Nafarroako erdialdean, ostera, bihar ere indarrean egongo da. Bestalde, Nafarroako gainerako guneak eta Ipar Euskal Herria bihar gauera arte egongo dira abisu horian. Araban eta Gipuzkoan gaurko 18:00etatik gauerdira arte egongo da indarrean abisua. Bihar, 06:00etatik 21:00etara berrezarriko dute, eta, orduan, Bizkaian ere sartuko da indarrean.
Nafarroan, euri asko eta trumoiak espero dituzte. Alerta laranjan dauden guneetan, baliteke ordubetean 30 litro pilatzea metro koadroko. Bestalde, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan orduko 15 litrorainoko euri jasak egin ditzakeela iragarri dute. Gainera, kazkabarra ere egin dezake eta haize bolada bortitzak espero dituzte. Kostaldean ere abisu horia ezarri dute gaur 18:00etatik 19:00etara, itsasaldeko arriskuagatik. Olatuak ez dira metro bat baino handiagoak izango, baina, marea bizien ondorioz, baliteke itsasertza gainditzea. Iparraldean ekaitz eta uholde arriskuagatik ezarri dute abisua. Gainera, ohartarazi dute haize boladak orduko 80-90 kilometrokoak ere izan daitezkeela.
|
2023-9-1
|
https://www.berria.eus/albisteak/232331/cafi-leporatu-diote-langileen-osasuna-arriskuan-jartzea.htm
|
Ekonomia
|
CAFi leporatu diote langileen osasuna arriskuan jartzea
|
Langile batzordeak ohartarazi du nabe baten teilatuan amiantoa agertu ondoren langile ugarik lanean jarraitu zutela. Ez du baztertzen auzitara jotzea.
|
CAFi leporatu diote langileen osasuna arriskuan jartzea. Langile batzordeak ohartarazi du nabe baten teilatuan amiantoa agertu ondoren langile ugarik lanean jarraitu zutela. Ez du baztertzen auzitara jotzea.
|
CAFeko langile batzordeak salatu du «kezkagarria» dela Beasaingo (Gipuzkoa) lantegian azken asteetan gertatutakoa. Aste honetan hiru pabiloi itxi ditu zuzendaritzak, horietako baten teilatua berritzeko lanetan amiantoa agertu delako. Akabera sekzioko 7., 8. eta 9. nabeetako beharginei eragin die erabakiak —200 inguru—, eta haserre handia sortu du. Amiantoa oso material arriskutsua da osasunerako, amianto fibrak edo hautsak arnasteak minbizia eragiten baitu. Langile batzordeak ez du baztertzen auzitara jotzea. «Ziurtatu behar dugu horrelako egoerak ez direla berriro gertatuko».
Orain, lantalde espezializatu bat ari da amiantoa kentzen, eta hiru nabeetako langileak etxean daude. «Baina lau egunez ehunka langile egon dira esposizioan eta inolako babesik gabe». Langile batzuek astebete lehenago jaso zuten abisua, 8. nabekoek, eta, lagin batzuek positibo eman ondoren, aste honetan jaso dute etxera joateko agindua 7. eta 9. pabiloikoek.
Sindikatuen arabera, zuzendaritzak gertatutakoa eta horren ondorioak publikoki «erlatibizatu» egin duen arren, «datu objektiboek» berresten dute hartutako neurriak ez direla nahikoa izan. Azaldu dutenez, 8. nabeko hamabi langileren bidez hartutako hamar aire laginen emaitzek baimendutakoa baino amianto maila handiagoak eman dituzte. Eta ohartarazi dute amiantoa kendu ondoren nabe hori ez bakartzeak 7. eta 9. pabiloietako langileen artean ere kutsatzeko arriskua zabaldu duela, eta «ehunka langileri eragin».
«Langile guztiak arriskuan»
Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak bere «irudia garbitu» nahi duela salatu dute, eta gogoratu dute Osalani egoeraren berri eman zitzaionean ez zuela neurri berezirik hartu. «Agian ez dira konturatu, baina sekzio honetako langile guztien osasuna arriskuan jarri da jada». Langile batzordeak berriz ere ohartarazi du ez duela onartuko inor lan eremu horietara itzultzea «desinfekzio osoa egiten ez den bitartean eta amianto mailak baliogabeak ez diren bitartean».
CAFen aspaldiko ezaguna da amiantoa. Gaur egun ez dute erabiltzen, baina 1990eko hamarkadara arte ohikoa zen han ekoizten dituzten trenetan isolatzaile gisa erabiltzea. Beasaingo lantegiarekin loturik 61 pertsona hil dira mineral hori arnasteak eragindako gaixotasunengatik; haietako hiru beharginen bikotekideak dira.
Hori epaitegiek aitortutako kopurua da, baina, sindikatuek diotenez, ehunka dira gaixotutakoak. 640 pertsonako zerrenda bat dute, eta horiei osasun azterketa bat egiten diete urtero CAFek eta Osakidetzak. Oraingo gertakariak direla eta, nabe horietako langileak zerrenda horretan sartzea eskatu du langile batzordeak. «Amiantoarekiko esposizioa gertatu da dagoeneko, eta gertaera hori atzeraezina da.
Horrekin batera, instalazioetan amiantoa dagoen lekuen mapa bat dute, eta material hori kentzeko plan bat du enpresak. Amiantoa asko erabili zen eraikuntzan ere, eta Euskal Herriko eraikin ugaritan dago gaur egun ere.
|
2023-9-1
|
https://www.berria.eus/albisteak/232332/albaro-arri-pascual-aske-geratu-da-28-urteko-zigorra-osorik-bete-ondoren.htm
|
Politika
|
Albaro Arri Pascual aske geratu da, 28 urteko zigorra osorik bete ondoren
|
Algortako presoa 1995ean atxilotu zuten, eta baldintzapean aske egon da abenduaz geroztik.
|
Albaro Arri Pascual aske geratu da, 28 urteko zigorra osorik bete ondoren. Algortako presoa 1995ean atxilotu zuten, eta baldintzapean aske egon da abenduaz geroztik.
|
Etxerat-ek gaur goizean jakinarazi duenez, Albaro Arri Pascual Algortako presoak osorik bete du 28 urteko espetxe zigorra. 1995ean atxilotu zuten, eta baldintzapean aske zegoen abendutik.
Iazko apirilean hirugarren gradua eman, eta Euskal Herrira ekarri zuten. Baldintzapean aske geratu zenean, Basauriko kartzelan zegoen preso, baina aurretik Frantzia eta Espainiako hainbat kartzelatan egona da.
1995ean atxilotu zuten, eta «beste norbaitek torturapean egindako adierazpen batzuk oinarri hartuta kondenatu zuten». Frantzian egon zen lehenik preso, eta, 2003an, Espainiaratu egin zuten. Basaurin egon aurretik, Castellon eta Burgosen egon zen preso.
|
2023-9-1
|
https://www.berria.eus/albisteak/232333/thailandiako-erregeak-urtebetera-murriztu-du-thaksinen-espetxe-zigorra.htm
|
Mundua
|
Thailandiako erregeak urtebetera murriztu du Thaksinen espetxe zigorra
|
Berez, zortzi urteko espetxe zigorrari egin behar zion aurre lehen ministro ohiak. Thailandiako Auzitegi Gorenak 2008an eman zuen hura atxilotzeko agindua, baina erbestera ihes egin zuen.
|
Thailandiako erregeak urtebetera murriztu du Thaksinen espetxe zigorra. Berez, zortzi urteko espetxe zigorrari egin behar zion aurre lehen ministro ohiak. Thailandiako Auzitegi Gorenak 2008an eman zuen hura atxilotzeko agindua, baina erbestera ihes egin zuen.
|
Thailandiako errege Maha Vajiralongkornek urtebetera murriztu du lehen ministro ohi Thaksin Shinawatraren espetxe zigorra. «Ustelkeria, monarkia iraintzea eta agintekeria» egozten dizkiote lehen ministro ohiari. Thailandiako Auzitegi Gorenak 2008an eman zuen haren aurkako atxilotze agindua, baina erbestera egin zuen ihes. Erresuma Batuan izan da hamabost urtez, baina joan den astean itzuli zen herrialdera.
Hasieran, zortzi urteko espetxealdiari egin behar zion aurre lehen ministro ohiak. Baina, hegazkinak lur hartu bezain laster, erregeari barkatzeko eskatu zion. Hark gaur eman du erantzuna. Barkamena onartu du, eta urtebetera murriztu du Thaksinen kartzela zigorra. Monarkiaren arabera, Thaksinek aitortu egin ditu leporatutako delitu guztiak, eta, aske geratu ondoren, «kartzelan irabazitako gaitasunak, esperientzia eta jakintasuna erabili ahal izango ditu nazioaren, gizartearen eta herriaren onerako».
Horrez gain, Vajiralongkornek Thaksiniren osasun arazoak ere aipatu ditu haren zigorra murrizteko arrazoien artean. Lehen ministro ohiak 74 urte ditu, eta zenbait osasun arazo ditu, hala nola bihotzeko arazoak. Haren osasun egoeraren adierazgarri izan zen, hain justu, herrialdera itzuli zen lehen egunean gertatutakoa. Hegazkinak lur hartu zuenerako, jarraitzaile talde handi batek egin zion harrera, baina ministro ohiak ez zuen tarterik izan jarraitzaileak agurtzeko, ospitalera eraman behar izan baitzuten gau hartan. Horiek hala, Thaksin bakartuta egongo da espetxealdiko lehen hamar egunetan, osasun arazoengatik eta COVID-19aren protokoloarengatik.
Lehen ministro ohi Prayut Chan-Ochak ere sinatu du erregearen agindua. Haren postua hartuko du laster Pheu Thai alderdiko Sretta Thavisinek. Thaksin Thailandiara itzuli zen egun berean izendatu zuten Thavisin herrialdeko lehen ministro.
|
2023-9-1
|
https://www.berria.eus/albisteak/232334/gorlizko-eta-plentziako-pediatria-zerbitzua-urte-osoan-ziurtatzeko-exijitu-diote-osakidetzari.htm
|
Gizartea
|
Gorlizko eta Plentziako pediatria zerbitzua urte osoan ziurtatzeko exijitu diote Osakidetzari
|
Pediatria zerbitzu duina aldarrikatu dute herritarrek Plentziako osasun zentroaren aurrean. Gurasoek salatu dutenez, gaur egungo egoerak «arriskuan» jartzen du seme-alaben osasuna.
|
Gorlizko eta Plentziako pediatria zerbitzua urte osoan ziurtatzeko exijitu diote Osakidetzari. Pediatria zerbitzu duina aldarrikatu dute herritarrek Plentziako osasun zentroaren aurrean. Gurasoek salatu dutenez, gaur egungo egoerak «arriskuan» jartzen du seme-alaben osasuna.
|
«Osakidetzak Gorlizen, Plentzian, Barrikan eta Lemoizen [Bizkaia] eskaintzen duen pediatria zerbitzuaren prekaritatea salatu nahi dugu», salatu dute gaur Gorlizko eta Plentziako gurasoek. Pediatriako zerbitzu duina aldarrikatzeko, elkarretaratzea egin dute eguerdian. Eta, Plentziako jaien bueltan, jende andana bildu da herriko osasun zentroaren aurrean. Pediatriako zerbitzu duinaren alde Uribe Kostan lelopean, zerbitzu hori urte osoan ziurtatzeko eskatu diote Osakidetzari hainbat guraso, haur eta herritarrek.
June de la Maza eta Olatz Martin gurasoek azaldu dutenez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ez ditu medikuen oporraldiak betetzen. Hori dela eta, esaterako, Gorlizko pediatrak oporrak hartzen dituenean, pediatra barik geratzen da herria. Arazoa larriagoa da udan, udalerri horietako biztanle kopurua ugaritu egiten baita. Egoera horrek seme-alaben osasuna «arriskuan» jartzen duela salatu dute.
Arrisku hori hurbiletik bizi izan zuen Martinek iragan astean. 3 urteko haurra zorabiatuta eta izerditan zegoenez, Gorlizko osasun zentrora joan zen. Pediatra ez zegoen; eta erizainak artatu zuen. Hark erabaki behar izan zuen beste zentro batera eraman edo ez. Hipogluzemia diagnostikatu eta, azukrea eman ostean, haurrak eta Martinek osasun zentrotik alde egin zuten. Etxera bidean, umeak okerrera egin zuen eta osasun zentrora bueltatu zen. Erizainak berak autoan eraman zituen ama eta semea Plentziako osasun zentrora. Hori zen aukera bakarra: Urdulizko ospitaleak ez du pediatria zerbitzurik, eta ez zuten Gurutzeko ospitalera iristeko denborarik.
Hipogluzemia larria diagnostikatu zioten Plentzian. Hori dela eta, pediatrak larrialdiko tratamendua eman zion haurrari; gainerako pazienteak, beraz, ez zituen artatu. Ordubetez saiatu ziren haurraren odolean azukre maila normalizatzen, baina ez zuten lortu. Gurutzetako ospitalera eraman zuten. Bertako alta txostenak jarraipen pediatrikoa ezarri zuen hurrengo bi egunetan. Hala ere, gurasoek salatu dutenez, haurrari dagokion pediatra ez da lanera bueltatuko irailaren erdialdera arte. Gorlizen ordezkorik ez dagoenez, Plentzian eskatu behar dute ordua. «Baina pediatrak lanaldi murrizketa du, eta, hura ez dagoenean, familia mediku batek pasatzen du kontsulta, eta bere esku dagoena egiten du».
De la Mazak eta Martinek eskerrak eman dizkiete haurra artatu zuten profesional guztiei. «Umearen ongizateari begira, eskerrak eman nahi dizkiegu hartutako erabaki guztiengatik; dituzten baliabideekin, euren esku zegoen guztia egin zuten eta, horri esker, umea ondo dago gaur». Izan ere, azaldu dutenez, medikuak «larrituta» daude: «Profesional batzuk haiei ez dagozkien konpetentziak hartzen ari dira».
Era berean, Osakidetzak «komunikabideen bitartez» argitaratutako erantzun «lotsagarria» salatu dute: «Komunikatu horretan, Osakidetzak ez du inolako autokritikarik egiten, arazoaren ardura asumitu beharrean, langileen gain uzten du erantzukizun guztia. Jokabide zikina iruditzen zaigu».
Gaia Eusko Legebiltzarrera
Gertakaria ez da salbuespena, De La Mazak eta Martinek gogoratu dutenez. «Ez da gertaera bakartu bat; icerbergaren punta da». Izan ere, 2019an, mobilizazioak eta kexa formalak egin zituzten gurasoek, arrazoi bera zela medio. Urte bereko uztailaren 26an, Osakidetzak eskaerei erantzun egin zien, «egoera hori amaitzeko neurriak» hartuko zituela esanez. «Duela lau urteko egoera berean edo okerragoan gaude; agindutako neurriak ez dira bete». Horregatik, Osakidetzari eskatu diote pediatria zerbitzua urte osoan zehar ziurta dezala, pediatriako langile guztien bajak, lanaldi murrizketak eta oporraldiak betez. «Euskal osasun zerbitzuak gure seme-alaben osasuna bermatuko duen zerbitzu duina eskaini dezala».
De La Mazak esan du EH Bilduren dei bat jaso dutela, gaia Eusko Legebiltzarrera eramateko asmoa dutela esanez. «Kasu konkretu aprobetxatu nahi dute gaia berriro mahai gainean jartzeko; ea egoerari buelta ematen diogun».
|
2023-9-1
|
https://www.berria.eus/albisteak/232335/jaurlaritzak-behartu-egingo-ditu-eskola-garraioko-enpresak-hutsik-dauden-ibilbideak-egitera.htm
|
Gizartea
|
Jaurlaritzak behartu egingo ditu eskola garraioko enpresak hutsik dauden ibilbideak egitera
|
Jokin Bildarratzek, Hezkuntza sailburuak, esan du eskola garraioaz arduratzen diren enpresen jokabideak «legez kanpokoak» diren susmoa dutenez, fiskaltzara joko dutela.
|
Jaurlaritzak behartu egingo ditu eskola garraioko enpresak hutsik dauden ibilbideak egitera. Jokin Bildarratzek, Hezkuntza sailburuak, esan du eskola garraioaz arduratzen diren enpresen jokabideak «legez kanpokoak» diren susmoa dutenez, fiskaltzara joko dutela.
|
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren eta eskola garraioaz arduratzen diren enpresen arteko gatazkak urrats bat egin du aurrera. Jaurlaritzak eskola garraiorako ibilbideen lehiaketa egin zuen urtearen hasiera aldera, eta lehiaketara ateratako 467 ibilbidetatik 387 geratu ziren hutsik; Gipuzkoako ibilbide ia guztiak bete ziren, Araban gutxi eta Bizkaian bat ere ez. Hori ikusirik, Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek iragarri du Eusko Jaurlaritzak behartu egingo dituela aurreko ikasturtean eskola garraioaz arduratzen ziren enpresak aurten hutsik dauden ibilbide guztiak betetzera. Esan du datorren astean argitaratuko dela «nahitaez betearazteko agindua» buletin ofizialean, eta ordutik aurrera bete egin beharko dutela. Beteko ez balute, «kontratazio debekuak ezartzeraino» iritsi daitezkeela ohartarazi du.
Eskola garraioaz arduratzen diren enpresek esan dute lehiaketa publikoan ezarritako baldintzekin —aurreko ikasturtearen ostean lortutako aurrekontuaren %24,1eko igoera mantenduta— ezin dituztela ordaindu zerbitzua eskaintzeak sortzen dizkieten kostuak, eta ez dela errentagarria. Bildarratzek, ordea, nabarmendu du irizpideak berdinak direla Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta «logika ekonomiko eskaseko jokabideak» identifikatu dituztela; esaterako, aurrekontu txikiko ibilbide bat onartu izana, eta handiko bat ez.
Hezkuntza sailburuak adierazi du «susmoak» dituztela garraio enpresa batzuen jokabidearen inguruan: «Gure susmoa da legearen kontra jokatzen ari direla». Horregatik, esan du «jasotako frogak» helaraziko dizkietela EAEn lehia arautzeaz arduratzen den erakundeari eta fiskaltzari. Nabarmendu du haien «susmoa» dela garraio enpresa horiek elkarrekin ados jarri direla Eusko Jaurlaritzari baldintza ekonomiko jakin batzuk eskatzeko eta etekin gehiago lortzeko. Hori legez kontrakoa dela esan du, «lizitazioak lehia suposatzen duelako». Zerbitzua «manipulatu» izana leporatu die.
Bildarratzek esan du hutsik dauden ibilbide horiek «nahitaez» beteko dituzten enpresei zerbitzuaren kostu erreala eta %6ko etekin industriala ordainduko dietela. «Eskola garraioa bermatu behar da», nabarmendu du Bildarratzek, eta eskolatzean daukan eragina gogorarazi du.
|
2023-9-1
|
https://www.berria.eus/albisteak/232336/ortzaizeko-eliza-txiki-geratu-da-etxebehere-agurtzeko.htm
|
Politika
|
Ortzaizeko eliza txiki geratu da Etxebehere agurtzeko
|
Azken omenaldia eginen diote Graxi Etxebehere euskal militanteari. Euskal Herriarekin zuen konpromisoa nabarmendu dute.
|
Ortzaizeko eliza txiki geratu da Etxebehere agurtzeko. Azken omenaldia eginen diote Graxi Etxebehere euskal militanteari. Euskal Herriarekin zuen konpromisoa nabarmendu dute.
|
Graxi Etxebeheren hurkoek gaur egin diote azken agurra, Ortzaizeko elizan (Nafarroa Beherea). Asteazkenean zendu zen, minbiziaren ondorioz, 72 urterekin, eta, gaur, jende andana bildu da agurra egiteko. Ortzaizeko eliza lepo bete da, eta kanpoan ere jende anitz bildu. Hilkutxa han zela egin dute ekitaldia, eta txalo artean hartu dute elizara sartu dutenean.
Gaita doinuak, kantuak eta bertsoak entzun ahal izan dira. Xabier Sukia bertsolari, irrati esatari eta telebista aurkezleak bota du bertsoa:
Presoen manifetan, Nafarroaren egunetan, Baigorriko kaletan, sanferminetan, Herri urratsetan, ta hainbeste festetan. Beti oroituko zaitugu borroka guztietan. Afarietan, lau ahotsetan, Ortzaizeko haitzetan. Beti oroituko zaitugu borroka guztietan.
Ondoren, Terexa Lekunberrik Errotabehereren ibilbidea oroitarazi du. 1970eko hamarkadan hasi zen militatzen Euskal Herriaren alde. Erizaina zen ofizioz, ororen gainetik «duintasunez eta maitasunez» aritua.
Ekitaldiaren amaieran, Pantxoa eta Peioren Txikia abestu dute han bildutakoek:
|
2023-9-1
|
https://www.berria.eus/albisteak/232337/tadek-ez-du-oso-larritzat-jo-rubialesek-hermosori-musu-eman-izana.htm
|
Kirola
|
TADek ez du «oso larritzat» jo Rubialesek Hermosori musu eman izana
|
Horrenbestez, CSDek ezingo du Espainiako Futbol Federazioko presidentea behin behinean kargugabetu.
|
TADek ez du «oso larritzat» jo Rubialesek Hermosori musu eman izana. Horrenbestez, CSDek ezingo du Espainiako Futbol Federazioko presidentea behin behinean kargugabetu.
|
Espainiako Kirol Auzitegi Administratiboak (TAD) prozedura zabaldu du Espainiako Futbol Federazioko presidente Luis Rubialesen kontra. Baina Jennifer Hermoso futbolariari musu eman izana «larritzat» jo du, eta ez «oso larritzat». Horrenbestez, Espainiako Kirol Kontseilu Nagusiak (CSD) ezingo du berehalakoan behin behinean kargugabetu. Hala, TADek partzialki onartu du CSDren eskaria.
Berehalakoan kargutik ezin kentzeaz gain, TADek gertutakoa soilik larritzat jo izana, suposatzen du gehienezko kargugabetzea bi urtekoa izan daitekeela. CSDko buru Victor Francosek berretsi du, erabakiaren kontra helegitea aurkeztuko dutela, eta helegitean zuzenean eskatuko diola TADi Rubiales kargugabetzeko, CSDk horretarako eskumena galdu baitu. Egun Rubiales 90 egunerako dago zigortuta behin behinean, FIFAk hala erabaki zuelako iragan larunbatean.
Aurrena espedientea zabaldu zion, eta gero zigorra jarri. Zigor horren baitan debekatu egin zion Jennifer Hermoso Espainiako selekzioko jokalariarekin harremanetan jartzea. Espainiako Federazioko langile guztiei zabaldu zien debekua FIFAk. Rubialesek musu bat eman zion ezpainetan Hermosori haren borondatearen aurka, Espainiak Munduko Kopa irabazi osteko domina banaketan. Aurretik, keinu itsusiak egin zituen palkoan. Rubialesek dimisioa aurkeztea espero zen irgan ostiralean, baina ez zuenez egin, hura kargutik kentzeko prozedurak hasi zituen FIFAk, baita Espainiako Gobernuak ere. Dimisioa ez eman izanak beste ondorio batzuk ere ekarri zituen, ordea. Emakumezkoen futbol taldeko talde teknikoko kide gehienek kargua utzi zuten Jorge Vilda hautatzaileak ez du dimisioa eman, ordea. Rubialesen ondoan egon da egun hauetan guztietan, eta, hark esan zuenean ez zuela dimisioa aurkeztuko, txalo egin zion. Hurrengo, aitzitik, komunikatu bat atera zuen haren «jarrera desegokia» salatzeko.
Hermosok «neurri zentzagarriak» hartzeko eskatu zuen, Futpro haren sindikatuaren bidez. Baina Rubialesek bere bertsioari eusten ziola ikusita, gogorrago mintzatu zen Futpro sindikatua zabaldutako agiri batean. Hartan, «zaurgarri eta eraso baten biktima» sentitu zela salatu zuen: «Ekintza oldarkor eta matxista baten biktima izan nintzen, lekuz kanpo zegoen, eta ez zegoen inolako baimenik tartean». Ez hori bakarrik. Adierazi zuenez, «etengabeko presiopean» egon da, Rubialesen «ekintza tamalgarria» justifikatzeko adierazpenak egin zitzan. Horregatik debekatu zien FIFAk Rubialesi, haren ingurukoei eta Espainiako Federazioko langileei Hermosorekin harremanetan jartzea. Espainiako selekzioko jokalariak hainbat futbolari eta futbolari ohiren babesa izan zuen. Horien artean zeuden Espainiako selekzioarekin Munduko Kopa jokatu zuten Euskal Herriko bi futbolariak: Irene Paredes eta Oihane Hernandez.
TADen lehen bilera
Astelehenean Kirol Kontseilu Gorenak jarritako salaketa aztertzeko lehen bilera egin zuen TADek. baina dokumentazio gehiago eskatu zion CSDri, eta azkenean gaur iritsi da erabakia. Egun horretan bertan lurraldeetako futbol federazioetako presidenteek eskatu zioten Rubialesi dimisioa emateko. Baina entzungor egin die. Egun berean kasua Auzitegi Nazionalera iritsi zen. Fiskaltzak zehaztu zuen prozesu judiziala ez duela hasi oraindik, baina ikertzen hasi zela gertatutakoa. Hala, baztertu egin zituen Rubialesek eman zituen azalpenak. Hermosoren adierazpenak entzun ondoren, azaldu zuen ez dagoela zalantzarik Rubialesek baimenik gabe eman ziola musu. Fiskaltzak argudiatu zuen baimenik gabe musu ematea sexu eraso bat dela. Fiskalak sinatu duen dekretuan gogoratu du zenbait epairen arabera soilik baietz da baietz legeak zigortzeko moduko eraso-tzat jasotzen dituela baimenik gabe ahoan emandako musuak. Eta zehaztu zuen Espainiako Zigor Kodearen arabera, sexu eraso, jazarpen eta abusu delituen kasue- tan erasoa jasan duenaren edo haren ordezkari legalaren salaketa edo fiskaltzaren kereila bat behar direla auzibide bati ekiteko. Horregatik, salaketa jar dezakeela jakinarazi zio fiskaltzak Hermosori, eta hamabost eguneko epea eman zion eurekin harremanetan jartzeko. Ikusteke dago horrek eta Rubialesen aurkako beste salaketek egiten duten bidea.
|
2023-9-1
|
https://www.berria.eus/albisteak/232338/emakume-talde-batek-alardearen-inguruko-misoginia-salatu-du.htm
|
Gizartea
|
Emakume talde batek alardearen inguruko «misoginia» salatu du
|
Emakume gazte eta feministak direla esan dute; hautu parekidearen kontrako «inpunitatea» ikusirik, «saminduta» daude.
|
Emakume talde batek alardearen inguruko «misoginia» salatu du. Emakume gazte eta feministak direla esan dute; hautu parekidearen kontrako «inpunitatea» ikusirik, «saminduta» daude.
|
«Gauaren Emeak ez da elkarte bat, Bidasoaldeko emakume gazte eta feministak gara. Saminduta gaude inguruan bizi dugun misoginiaren gaineko inpunitatea ikusirik. Nekatuta gaude isiltasun honen konplize izatearekin eta feminismoaren ideiak zabaltzeari ekin diogu». Hitz horiekin egin dute gaur hainbat andrek Hondarribiko alardearen inguruan gogoetatzeko egin duten idatziaren aurkezpena. Bide batez, hainbat argazki ere zabaldu dituzte; Hondarribiko Udaletxean eta batzokian jarritako kartelenak dira, «misoginia» salatzeko, eta alarde baztertzaileari oles egiteko instituzioek eta talde politikoek egiten dituzten keinuak arbuiatzeko.
«Gutxik ezagutuko dute eta are gutxiagok baloratuko dute Hondarribiko herriak alardearen auzian bizi duen egoera berriaren atzean egin den lana», azaldu dute. «26 urteko borroka latza eman dute herri honetan berdintasuna aldarrikatu duten herritarrek. Gizarte matxistaren oldarraldia eta instituzioen utzikeria jasan dute, erabateko bakardadean aritu dira. Baina gogor eta tinko eutsi diote justiziaren idealari», esan dute. Talde politikoen artean, EH Bilduk izan duen jarrera txalotu dute. Eragozpenak eragozpen, beti hautu parekidearen defentsa egin izana nabarmengarria iruditzen zaie. «Gizarte matxista batean bizi garenez, emakumearen aldeko apustua ez zaio merke atera alderdi honi eta bere militanteei».
Aintzat hartu behar da egun alkatetza duen plataforma bera ezker abertzalearen barruko eszisio baten emaitza izan zela, eta alardearen inguruko ikuskera ezberdinak egon zirela banaketa horren atzean. Alkatetza lortu berria du Abotsanitz plataformak, eta horrek aurten alardearen auzian zer ondorio izango dituen ikusi beharko da. EAJk hamarraldiak egin ditu alkatetzan, jarrera irmoa izan du beti alardea ulertzeko era baten alde, aldarri parekidearen aldeko keinurik ez du inoiz egin, eta aldaketak espero dira aurten. Gain-gainean dago alarde eguna Hondarribian: irailaren 8an izaten da.
Legezkotasuna kolokan
Alarde Fundazioak antolatzen du alarde baztertzailea. Haren legezkotasunaren gaineko zalantzak aspaldi dabiltza airean. Horiek hizpide izan dituzte gaur plazaratu duten oharrean ere: «Gaur egun, Alarde Fundazioa momentu zailetan dago. Ezbaian jarri da haien izaera juridikoa, eta badirudi ezin izan dutela frogatu haien legezkotasuna». Horrekin lotzen dute Saindua deitutako proposamena. Ekainean eman zuten argitara, herritar hainbatek. «Jarrera desberdinen arteko lotura puntua» zirela esan zuten, eta proposamen bat egin zioten Alarde Fundazioari: «Konpainia misto eta konkretu bat non emakumeek soldadu gisa parte hartzeko era izango luketen». Ezezko erantzuna jaso zuten.
Guztion Alardea taldearen eskeek ere oihartzuna izan dute urteotan. Alardean parte hartzen duten hainbat pertsonak eratua da, 2019tk ari dira lanean, eta desfile parekidea dute helburu. Horren abaroan iaz 64 andrek Alarde Fundazioari eta udalari eskari bat egin zioten: alardean parte hartu nahi zuten. Ez zuten baiezko erantzunik jaso haiek ere. Orain andreek plazaratu duten oharrean gogoratu dute aldaketa nahiaren zantzuetako bat dela talde hori. Gogoratu dute, halaber, urte horretan bertan udaleko alderdi guztiek, lehen aldiz, adierazpen bateratu bat egin zutela «konponbiderako» elkarrizketa sustatuz.
Gauaren Emeak-ek izenpetutako oharrean zerrendatu dituzte, halaber, hainbat konpainiak azken hilabeteotan egin dituzten hainbat lege eta estatutu aldaketa; esan dute funtsean bilatzen dutela formalki berdintasunaren aldeko lege irizpideak konplitzea, diru laguntzak-eta eskuratzeko. Ondorioa atera dute hortik: «Garaiak aldatzen ari dira, eta badirudi, egungo praktika matxistak aldatzeko abagunea sortzen ari dela».
Eta galdera bat ere egin dute aldaketa horri atxikita: «Guztion alardeak baliatuko al ditu aukera berri hauek emakumearen benetako parte hartzea lortzeko?». Bide batez, Abotsanitzi ere zuzendu zaizkio, hautu parekidearen alde egin dezan.
|
2023-9-1
|
https://www.berria.eus/albisteak/232339/ortuzar-autogobernua-eta-aurrerabidea-dira-eajren-lekua.htm
|
Politika
|
Ortuzar: «Autogobernua eta aurrerabidea dira EAJren lekua»
|
EBBko lehendakariak nabarmendu du «autogobernuan eta aurrerabidean» aurrera egitea ahalbidetuko duen eztabaida politikoa «benetan» irekitzea bultzatuko dutela jeltzaleek.
|
Ortuzar: «Autogobernua eta aurrerabidea dira EAJren lekua». EBBko lehendakariak nabarmendu du «autogobernuan eta aurrerabidean» aurrera egitea ahalbidetuko duen eztabaida politikoa «benetan» irekitzea bultzatuko dutela jeltzaleek.
|
Urte politikoa hasi du gaur EAJk Zarautzen (Gipuzkoa), Espainiako Gobernua osatzeko negoziazio bete-betean eta Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk «erabakitzeko gaitasunean sakontzeko konbentzio konstituzional bat» sortzea proposatu ostean. Horietaz jardun da EAJren EBBko lehendakari Andoni Ortuzar, eta nabarmendu du EAJk bultzatuko duela «autogobernuan eta aurrerabidean» aurrera egitea ahalbidetuko duen eztabaida politikoa «benetan» irekitzea: «Autogobernua eta aurrerabidea dira EAJren lekua».
Urkulluk «aldebikotasunari» erreparatu zion atzo, eta «erabakitzeko gaitasuna» jorratu nahiko luke proposatu duen konbentzio horretan, «autogobernuan» aurrera egiteko eta, aldi berean, «estatuaren plurinazionaltasuna» arauetan islatzeko. Gaur, Ortuzarrek nabarmendu du EAJk bere «energia eta gaitasun politiko guztiak» eskainiko dizkiola hori lortzeari.
Arabaren, Bizkaiaren eta Gipuzkoaren autogobernuan sakontzeko proposamena Espainiako Gobernua osatzeko negoziazioen garaian egin dute jeltzaleek, eta gaur Ortuzar sozialistei zuzendu zaie: «PSOEk aurrez aurre aukera historiko bat du alternatiba desberdin bat eraikitzeko, demokrazian, eskubideetan eta askatasunetan sakonduko duena. Estatuan dauden errealitate nazionalen autogobernu nahiei errespetua izan beharko lioke lurralde ereduak».
Esan du Espainiako Gobernuko jarduneko presidente Pedro Sanchezek eta «Euskadik» eta Kataluniak elkarren beharra dutela, eta defendatu du behar hori «borondate politiko» bihurtu beharko litzatekeela, « beharrezko aldaketa eta politikak adosteko». Sanchezi beste mezu hau ere helarazi dio: «Ez du ahaztu behar ez dituela hauteskundeak irabazi; Moncloan mantentzeko euskal herritarren eta katalanen babesa behar du».
Hala ere, une honetan PPko Alberto Nuñez Feijoo ari da gobernua osatu ahal izateko negoziazioetan, eta EAJrengana ere jo du. Ortuzarrek gaur adierazi du jeltzaleek ez diotela babesik emango «gobernu inboluzionista bati», eta nabarmendu du Vox alderdi ultraeskuindarra «ekuazioaren barruan» beti egon dela: «Vox ekuaziotik kanpo benetan egongo balitz, PPk, Moncloara iristeko, bermatuta dituenak baino 37 boto gehiago beharko lituzke. Vox pasilloaren erdian dagoen elefante bat da, eta, ezkutatu nahi duten arren, ezin dute».
Kritika PPri
«PPren argudioak eta programa oso gogorrak izan dira, hauteskundeen aurretik eta ondoren, Estatu ereduaren edozein egokitzapenen eta Euskadiren eta Kataluniaren aitortza nazionalaren aurka. Gainera, atzerakoia izan da gai sozialetan», kritikatu du EBBko lehendakariak. Halaber, Espainiako politikari «antzerki» deitu dio.
«Orain Madrilen jende asko kezkatuta dago EAJ lagun giro ezkertiar batez inguratzen ari delako. Baina eskuin espainolaren artegira eraman nahiko gintuzketenek, gure alderdiaren egungo egoeraz benetan arduratuta daudenek eta ezker-eskuin ardatz faltsuan non kokatzen garen kezkatzen duenak jakin behar du EAJ beti egon den tokian dagoela: jendearen eta euskal gizartearen alboan», adierazi du EAJren EBBko lehendakariak, bere alderdikideen aurrean, Zarautzen egindako ekitaldi politikoan.
|
2023-9-2
|
https://www.berria.eus/albisteak/232359/jaizkibel-konpainiak-lehenbiziko-entsegua-egin-du.htm
|
Gizartea
|
Jaizkibel konpainiak lehenbiziko entsegua egin du
|
Bihar izanen da bigarren entsegua, eta asteartean hirugarrena. Gaueko Emeak izeneko emakume talde batek Hondarribiko alardearen inguruan gogoetatzeko idatzi bat zabaldu du.
|
Jaizkibel konpainiak lehenbiziko entsegua egin du. Bihar izanen da bigarren entsegua, eta asteartean hirugarrena. Gaueko Emeak izeneko emakume talde batek Hondarribiko alardearen inguruan gogoetatzeko idatzi bat zabaldu du.
|
Gero eta gutxiago gelditzen da Hondarribiko alarde egunerako, datorren ostiralean izanen baita, hilaren 8an. Hala, hiru egunez entseguak eginen dituzte: atzo izan zen lehenbizikoa, 20:00etan. Bitoriano Juaristi kalean izan zen.
Nora Ferreira izanen da Jaizkibel konpainiako kapitain berria, Oihana Etxebarrietari lekukoa hartuta. Atzo hartu zuen hitza, eta txalo artean jaso zuten. Entseguaz gain, batzarra egin zuten atzo 18:00etan.
Bihar eginen dute bigarren entsegua, Itsas Etxean, atzoko ordu berean. Hirugarrena, berriz, datorren asteartean izanen da, Bitoriano Juaristi kalean, 20:00etan.
Gaueko Emeak
Jaizkibel konpainiaren entsegua ez da alardeari buruzko albiste bakarra. Izan ere, Gaueko Emeak izeneko emakume talde batek Hondarribiko alardearen inguruan gogoetatzeko idatzi bat zabaldu zuen atzo. Bertan adierazten dutenez, «Bidasoaldeko emakume gazte eta feministak» dira, eta «saminduta» daude inguruan bizi duten «misoginiaren gaineko inpunitatea ikusirik».
«26 urteko borroka latza eman dute herri honetan berdintasuna aldarrikatu duten herritarrek. Gizarte matxistaren oldarraldia eta instituzioen utzikeria jasan dute, erabateko bakardadean aritu dira. Baina gogor eta tinko eutsi diote justiziaren idealari», azpimarratu dute. Adierazpen horiek egitearekin batera, zenbait argazki zabaldu dituzte; Hondarribiko Udaletxean eta batzokian jarritako kartelenak dira, «misoginia» salatzeko.
|
2023-9-2
|
https://www.berria.eus/albisteak/232360/vueltan-ere-euskal-nortasuna-zabaltzera-deitu-dute-gure-esku-k-eta-nafarroa-berriz-altxa-k.htm
|
Politika
|
Vueltan ere «euskal nortasuna» zabaltzera deitu dute Gure esku-k eta Nafarroa Berriz Altxa-k
|
Irailaren 9an eta 10ean, Larra-Belaguan eta Lekunberrin bukatuko diren etapetan, ikurrinak eta Nafarroako banderak banatuko dituzte. Errepideak «euskal ikurrez» beteko direla iragarri dute.
|
Vueltan ere «euskal nortasuna» zabaltzera deitu dute Gure esku-k eta Nafarroa Berriz Altxa-k. Irailaren 9an eta 10ean, Larra-Belaguan eta Lekunberrin bukatuko diren etapetan, ikurrinak eta Nafarroako banderak banatuko dituzte. Errepideak «euskal ikurrez» beteko direla iragarri dute.
|
Uda hasieran, Frantziako Tourrak Euskal Herria igaro zueneko euskal nortasunaren erakustaldiak bere parekoa izango du Espainiako Vueltan. Irailaren 9an eta 10ean, larunbatez eta igandez, Nafarroko lurraldean sartuko da txirrindularitza proba hori, eta errepideak ikurrinez eta Nafarroako banderez beteko dira, kirolariak «errespetuz» agurtzen dituzten bitartean, «euskal nortasuna harro zabaltzeko». Horrela jakinarazi dute Gure esku eta Nafarroa Berriz Altxa elkarteek, Iruñean egindako agerraldi batean. «Tourrean, munduari ez ezik, geure buruari ere gogorarazi genion zailak diruditen gauzak posible egiteko gaitasuna dugula elkarrekin aritzen garenean», adierazi du Josu Etxaburu Gure Esku-ren bozeramaileak. «Norabide berean pedalkadaz pedalkada aurrera goazenean herri gisa erronkei aurre egiteko gai garela erakutsi genuen», jarraitu du Etxaburuk. Datorren astean Espainiako Vuelta ere Euskal Herritik igaroko dela gogoratu du, eta erantsi du urte berean «Euskal Herrikoak ez diren bi froga» hartuko dituela Euskal Herriak: «Oraingoan ere berdin erantzungo diogu, txirrindulariak errespetuz animatuz, baina aldi berean geure nortasuna eta ikurrak harro zabalduz eta geure aldarria argi utzita: zazpi lurraldeko herria gara, geure artean ez dugu mugarik nahi, eta geure etorkizun politikoa libre eta demokratikoki erabaki nahi dugu».
Muga arrotzak
Vuelta Nafarroan ibiliko da datorren asteburu osoan, eta Zuberoatik ere igaroko da. Irailaren 9ko etapa Larra-Belaguan amaituko da, eta irailaren 10ekoa Iruñean hasi eta Lekunberrin amaituko da. Bi egun horietan, Gure Esku-k eta Nafarroa Berriz Altxa-k zenbait egitasmo bultzatuko dituzte «zazpi lurraldez osatutako herri honen erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko».
Irailaren 9an, larunbatarekin, etapa amaiera inguruan ikurrinen banaketa egingo dute, eta, Izaban, egun osoan ikur salmenta eta kale animazioa egongo dira. Irailaren 10ean, berriz, Iruñean, Sarasate pasealekuan elkartzera deitu dute, 12:00etan, «makiladun ikurrinak banatzeko»; Lekunberrin, berriz, 12:30ean, Ibarberri ikastetxetik kalejira abiatuko da, eta, herri bazkariaren ostean, etapara joango da jendea, «geure ikur eta koloreekin». «Askotan gure ikurrak ez dituzte errespetatzen, ezin ditugu gure herriaren ohiturak eta kultura askatasunez bizi», salatu du Nafarroa Berriz Altxa elkarteko kide Amagoia Susperregik. «Euskara nafar guztion hizkuntza da, eta horrela tratatu beharko lukete, baina muga artifizialak pairatu eta bigarren mailako tratamendua jasotzen du», erantsi du. «Ezin dugu zerbitzu publikoetan normaltasunez erabili: identitatearen zati bat ezkutatu nahi dute».
Irailaren 9ko etapa Larraineko mugatik pasatuko da. «Arrotza da muga da hori: egunerokoan itxita daukate, eta soilik lasterketarako zabalduko dute», azaldu du Susperregik. «Guk zabalik nahi dugu, gure herrian libre mugitzeko, gure artean ez baitugu mugarik nahi», aldarrikatu du. Hori guztia kontuan hartuta, Nafarroa Berriz Altxa-k «orain ere ‘Euskal Herriak erabaki’» esango duela helarazi du; «guk erabaki nahi ditugulako bai bi estatuekiko bai gure arteko harremanak». Elkartearen arabera, «herritarren esku dago» aldarri horiek kalera ateratzea eta «adostasunak jostea, aldarriok tresna bihurtzeko eta tresna horien bidez erabakiak gauzatzeko». Frantziako Tourra Bilbotik irten zen joan den uztailaren lehenean. Lehen etapa hori Bizkaiko hiriburuan hasi eta bukatu zen. Bigarrena, berriz, Donostian amaitu zen, eta hirugarrenaren zati bat ere Euskal Herritik igaro zen. Bidasoko muga gurutzatu zuen hirugarren etapa horrek, Irundik Hendaiara, eta Ipar Euskal Herriko lurretan ibili ondoren atera zen Euskal Herritik.
Toki estrategikoak
Hiru egun horietan, ikurrinek errepideak, mendiak eta ibilbideetako beste eremu estrategiko ugari hartu zituzten, euskal nortasunaren eta burujabetzaren aldeko erakustaldi handia eginez, esaterako, Irun eta Hendaia arteko Bidasoako mugan, milaka lagunek muga hori ikusezin egin zutenean. Ez du erraza ematen Tourraren agertoki horretan zabaldu zen erakustaldiaren parekoa errepikatzeak, Vueltak ez baitu Tourraren kirol maila eta hedabideen arreta bera; gainera, Espainiako agintaritzak kudeatuko ditu kirol proba eta haren telebista irudiak. Zailtasunak zailtasun, ordea, Gure Esku-ren bozeramaile Etxaburu baikor da Vueltan ere euskal herritarrek eman dezaketen erakustaldiari begira: «Oraingoan ere lortuko dugu; geure ikur eta kolorez beteko ditugu errepideak. Argi geratuko da Euskal Herria dela hau, Nafarroa zein Zuberoa herri honen parte direla, eta geure herriak estatus politikoa lortu arte elkarri eskua emanda lanean jarraituko dugula».
|
2023-9-2
|
https://www.berria.eus/albisteak/232361/realarentzat-hilaren-20an-hasiko-da-txapeldunen-liga.htm
|
Kirola
|
Realarentzat hilaren 20an hasiko da Txapeldunen Liga
|
Lehenbiziko saioa Milango Inter taldearen aurka jokatuko du. Azkenekoa abenduaren 12an izanen da, Italian.
|
Realarentzat hilaren 20an hasiko da Txapeldunen Liga. Lehenbiziko saioa Milango Inter taldearen aurka jokatuko du. Azkenekoa abenduaren 12an izanen da, Italian.
|
Realaren zaleak hegaldiak hartzen has daitezke jada, Txapeldunen Ligako egutegiaren berri eman baitute gaur goizean. Talde txuri-urdina hilaren 20an hasiko da jokatzen, Milango Inter taldearen aurka (21:00etan). Azkeneko saioa, berriz, abenduaren 12an izanen dute, Italian.
Ikusi gehiago: Benfica, Milango Inter eta Salzburgo Realaren aurkari Txapeldunen Ligan
Urriaren 3an, asteartea, Austrian izanen dira txuri-urdinak, Salzburgoren aurka jokatzeko. Hori izanen da, hain zuzen ere, Imanol Alguacilen taldeak kanpoan jokatuko duen lehenbiziko partida. 18:45ean izanen da. Aste batzuk geroago, urriaren 24an, Benficaren aurka jokatuko dute, Lisboan (21:00etan).
Laugarren eta bosgarren saioak etxean jokatuko dituzte: azaroaren 8an eta 29an, Benficaren eta Salzburgoren aurka, hurrenez hurren.
|
2023-9-2
|
https://www.berria.eus/albisteak/232362/istripu-bat-izan-da-bakaikun-eta-hainbat-lagun-zauritu-dira.htm
|
Gizartea
|
Istripu bat izan da Bakaikun, eta hainbat lagun zauritu dira
|
Bi autok talka egin dute A-10 autobidean, 22,8 kilometroan. Hasieran zabaldu da emakumezko bat hil dela, baina gero gezurtatu egin dute informazioa.
|
Istripu bat izan da Bakaikun, eta hainbat lagun zauritu dira. Bi autok talka egin dute A-10 autobidean, 22,8 kilometroan. Hasieran zabaldu da emakumezko bat hil dela, baina gero gezurtatu egin dute informazioa.
|
Errepide istripua izan da gaur A-10 autobidean, Bakaikun (Nafarroa). Hasieran, esan dute Andoingo (Araba) 66 urteko emakume bat hil dela, baina, ordu batzuk geroago argitu dutenez, zauritu egin da, ez da hil. Foruzaingoak jakinarazi duenez, auto batek eta furgoneta batek talka egin dute 12:50 aldera, A-10 autobidearen 22,8 kilometroan. Gainera, Huarteko (Nafarroa) hiru emakume zauritu dira istripuan. Ezbeharraren tokira bertaratu dira foruzainak, suhiltzaileak eta anbulantziak. Istripua zergatik izan den ikertzen ari da Polizia.
|
2023-9-2
|
https://www.berria.eus/albisteak/232363/prezipitazioak-historikoak-izaten-ari-dira-iruntildeean.htm
|
Gizartea
|
Prezipitazioak historikoak izaten ari dira Iruñean
|
Aemeten arabera, Iruñean 130mm bota ditu atzotik. Deban argindarrik gabe daude zenbait bizilagun.
|
Prezipitazioak historikoak izaten ari dira Iruñean. Aemeten arabera, Iruñean 130mm bota ditu atzotik. Deban argindarrik gabe daude zenbait bizilagun.
|
Denboralea erasaten ari da Euskal Herrian, eta euri jasengatik eta marea biziengatik zenbait arazo sortzen ari dira Euskal Herrian. Esaterako, errepide batzuk itxita daude Nafarroan, eta argirik gabe daude Deban (Gipuzkoa). Iruñean, euri jasa handiak izan dira: atzo gauetik 130 mm bota ditu.
Horrenbestez, historikoak izan dira Iruñeko prezipitazioak. Izan ere, gainditu egin ditu 1961eko uztailaren 24ko eta 1989ko abuztuaren 4ko eta 5eko erregistroak. Hain zuzen, 115,5 mm eta 126,4 mm bota zituen orduan, hurrenez hurren. Aemeten arabera, gaurkoaren antzeko erregistro bakarra dago: 1975eko urriaren 17an eta 18an 150 mm bota zituen. Ekaitzak ere gogor jo du: atzo 20.000 tximista erregistratu zituzten.
Eguraldi horrek gorabehera batzuk eragin ditu. Deban argirik gabe geratu dira 590 bezero inguru; erdiek berreskuratu dute argindarra, eta espero dute gainerakoei «datozen orduetan» konpontzea arazoa. Nafarroan, berriz, NA-134 errepidea itxita egon da Mendabiatik Lodosara; orain, txandaka ari dira ibilgailuei pasatzen uzten. Gainera, Lodosan itxita dago AP-68 errepidera sartzeko biribilgunea, eta NA-6241 errepideko laugarren kilometroan, Sesmarako noranzkoan, lerro bat itxita dago.
|
2023-9-2
|
https://www.berria.eus/albisteak/232364/gabongo-juntak-erreformak-iragarri-ditu-erakunde-demokratikoagoak-izateko.htm
|
Mundua
|
Gabongo juntak erreformak iragarri ditu, erakunde «demokratikoagoak» izateko
|
Kolpisten buruak esan du ez dutela presarik bozetara deitzeko, «iraganeko hutsegiteak errepikatzeko» arriskua dagoelakoan. Herrialdeko mugak berriz ireki dituzte.
|
Gabongo juntak erreformak iragarri ditu, erakunde «demokratikoagoak» izateko. Kolpisten buruak esan du ez dutela presarik bozetara deitzeko, «iraganeko hutsegiteak errepikatzeko» arriskua dagoelakoan. Herrialdeko mugak berriz ireki dituzte.
|
Alderdi politikoekin eta gizarte zibileko ordezkariekin bildu ostean, Gabonen iragan asteazkenean estatu kolpea eman zuten militarrek datozen hilabeteetarako bide orriaren lehen xehetasunen berri eman dute. Agintea hartu duen juntako buru eta trantsiziorako presidente —etzi hartuko du kargua— Brice Oligui Nguemak atzo gauean jakinarazi zuen erreforma politikoak egingo dituztela, erakunde «demokratikoagoak» izatea helburu hartuta; hori bai, ez zuen hauteskundeetarako datarik finkatu, «iraganeko hutsegiteak errepikatzeko» arriskua dagoelakoan.
«Trantsiziorako eta Instituzioak Berrezartzeko Batzordeak dei egiten die alderdi politiko guztiei trantsizioan parte hartzeko eta erakunde indartsuak sortzeko, Gabongo herriaren helburuei erantzuteko», esan zuen juntako buruak Gabon 24 telebista katean emandako hitzaldi batean. Estatu kolpeaz geroztik, gobernua, Senatua, Asanblea, Auzitegi Konstituzionala eta Hauteskunde Organoa deseginda daude, «behin-behinean», eta hauteskunde orokorrak eta haien emaitzak, baliogabetuta; Ali Bongok irabazi zituen boz horiek, botoen %64,2 jasota —2009tik zegoen presidente karguan—, baina militarren ekintzak Bongo familiaren 50 bat urteko aro politikoa amaiarazi zuen.
Orain, juntaren asmoa da «ahalik eta azkarrena mugitzea», baina horrek ez du esan nahi, Nguemaren arabera, hauteskundeak «azkar antolatuko» dituztenik, uste baitu hori eginda arriskua legokeela «jende berberak agintean amaitzeko». Iragan larunbateko bozetan «irregulartasunak» izan zirela salatu du oposizioak, eta, egunotako adierazpenak ikusirik, militarrek agerian utzi dute iritzi berekoak direla, eta hori izan zela estatu kolpea emateko arrazoietako bat.
Harrezkeroztik, Bongo etxeko atxiloaldian dago, familiarekin batera. Militarrek ustelkeria eta «ardurarik gabeko eta ustekabeko gobernantza» leporatzen dizkiote, eta, horregatik, trantsizio garaian erakundeak «hobetu» nahi dituzte; besteak beste, «giza eskubideak, oinarrizko askatasunak, demokrazia eta zuzenbide estatua errespetatzeko». Hori bermatzeko neurrietako bat beste konstituzio bat idaztea litzateke, juntak egunotan azaldu duenez.
Bide orri horren berri eman arren, militarrek ez dute xehetasun gehiagorik eman, eta, beraz, ikusteko dago zeintzuk izango diren erakunde «demokratikoagoak» lortzeko neurri zehatzak. Oposizioari, behintzat, erreformetan parte hartzeko deia egin dio juntak, eta horren eskarietako bat bete du: gaurtik, herrialdeko mugak irekita daude berriz.
Zortzigarren estatu kolpea 2020tik eskualdean
Afrika mendebaldean eta erdialdean kezka handitzen ari da urteotan estatu kolpeak ugaritzen ari direlako. Gabongoa eskualde horretan 2020tik hona izandako zortzigarrena da; eta herrialde horretan saiakera bat egin zuten 2018an, baina atxilotu egin zituzten Bongo boteretik kentzen saiatu ziren hiru militar —hamabost urteko espetxe zigorra ezarri zieten, 2021ean—.
Gabonez gain, Nigerren —joan den uztailean—, Burkina Fason —iazko urtarrilean, eta beste bat irailean—, Ginean —2021eko irailean—, Txaden —2021eko apirilean— eta Malin —2020ko abuztuan, eta beste bat 2021eko maiatzean— egin dituzte estatu kolpeak azken hiru urteotan.
|
2023-9-2
|
https://www.berria.eus/albisteak/232365/realak-denboraldiko-lehen-garaipena-lortu-du.htm
|
Kirola
|
Realak denboraldiko lehen garaipena lortu du
|
Talde txuri-urdinak aurreko sasoiko irudi ona eskaini du minutu askotan. Zelai erdiak bikain funtzionatu du, eta Kubok jarri du txinparta aurrean. Reala sei punturekin joango da denboraldiko lehen etenera.
|
Realak denboraldiko lehen garaipena lortu du. Talde txuri-urdinak aurreko sasoiko irudi ona eskaini du minutu askotan. Zelai erdiak bikain funtzionatu du, eta Kubok jarri du txinparta aurrean. Reala sei punturekin joango da denboraldiko lehen etenera.
|
Realzaleak gozatuz gozatu aritu ziren aurreko sasoian. Baina denboraldi honetan kostatzen ari zitzaion martxa hartzea. Hiru partida, eta hiru berdinketa. Gaurkoan, ordea, taldeak denboraldiko lehen poza eman die zaleei, 5-3 irabazi baitio Granadari. Taldearen motorrak, zelai erdiak, behar bezala karburatu du. Brais Mendezek, Merinok eta Zubimendik gidatuta, batez ere bigarren zatian, aurreko sasoiko Reala ikusi zen. Festa betea Anoetan, eta sei punturekin, bai taldea, bai zaleak patxadaz joan daitezke sasoiko lehen etenera, bueltan egokituko zaion partida maratoia behar bezala prestatzeko. Albiste txarrena, Granadak sartutako hiru golak. Badu zer hobetua hor talde txuri-urdinak, aurreko sasoiko sendotasuna berreskuratzeko.
Imanol Alguacilek debuta egiteko aukera eman dio ezker hegalean Tierneyri. Aurrean, berriz, aurrelari petorik gabe aritu da. Oiartzabal kapitaina kokatu du puntan. Etxean jokatutako lehen bi partidetan egin bezala, bizi jokatzen hasi da Reala, eta oso nagusi izan da. Bederatzigarren minutuan jaso du saria, Kubok gola sartu baitu, Brais Mendezen pase bikain baten ostean. Hamahirugarren minutuan beste aukera on bat izan du japoniarrak, baina Granadako atezainak ondo erantzun du. Realak atzean sartua zuen Granada.
Baina hurrengo minutuetan moteldu egin da partidaren erritmoa. Realak baloi jabetza zuen, eroso zegoen. Baina ez zuen lortzen min egitea. Ezin zuen Granadak ezarritako armiarma sarea gainditu. Hala, Gironaren eta Celtaren aurkako partiden mamuak azaltzen hasi dira. Are gehiago Granadak 35. minutuan banakoa egin duenean. Korner batean izan da, eta gola Le Normadek sartu du bere atean. Taldeak ez du ondo zaindu jokaldia, eta erdiko atzelariari jo ostean joan da baloia sareetara.
Hurrengo minutuak ez dira errazak izan Realarentzat. Baina berriz ere Kuboren txinparta agertu da. Japoniarrak gol ikusgarria sartu du lehen zatia amaitzear zela (44. min.).Traorek pasea eman dio areatik gertu, eta, Malikoari baloia itzuli beharrean, barrurako sartu, baloia ezker oinera egokitu, eta jaurtiketa bikain batekin gola sartu du. Talde txuri-urdinak beste bi aukera izan ditu atsedenaldia baino lehen partida erabakita uzteko, Barrenetxearen eta Oiartzabalen oinetan. Baina ez dute asmatu.
Bigarren zatian gol zaparrada izan da. Realaren lehen hogei minutuak oso onak izan dira. Aurreko sasoiaren antzera, baloia bizi mugitu dute Brais Mendezek, Zubimendik eta Merinok, eta nagusitasun hori Zubimendiren beraren (59. min.), Barrenetxearen (67. min.) eta Mikik bere atean (76 min.) sartutako golekin biribildu du. Ederra izan da Zubimendiren gola, Realaren hirugarrena. Kubok eta Brais Mendezek jositako jokaldi batean izan da. Galiziarrak atzera eman dio pasea Zubimendiri, eta eskuinkada bikain batekin sartu du gola. 5-1ekoarekin, partida erabakita zegoen. Sadiqek eta batez ere Chok bi aukera oso garbi izan dituzte seigarren gola sartzeko. Baina Granada izan da Remiroren atean bitan zulatu duena. Horrek ilundu du apur bat garaipena. Baina gaurkoan, Imanolek adierazi bezala, irabazteko beharra zegoen, eta helburu hori lortu du bere taldeak.
|
2023-9-2
|
https://www.berria.eus/albisteak/232366/jumbo-vismaren-beste-erakustaldi-bat.htm
|
Kirola
|
Jumbo-Vismaren beste erakustaldi bat
|
Roglicek irabazi du Vueltako 8. etapa, Xorret de Catin, eta Kussek Vueltako lidergoa kendu dio Martinezi. Lazkano distiratsu aritu da ihesean, eta Landa bosgarren jarri da sailkapen nagusian
|
Jumbo-Vismaren beste erakustaldi bat. Roglicek irabazi du Vueltako 8. etapa, Xorret de Catin, eta Kussek Vueltako lidergoa kendu dio Martinezi. Lazkano distiratsu aritu da ihesean, eta Landa bosgarren jarri da sailkapen nagusian
|
Dena nahi duenak dena galtzen omen du. Ordea, esaerari entzungor ari zaio egiten Jumbo-Visma taldea Espainiako Vueltan: dena nahi dute, eta oraingoz, nahi bezala dabiltza. Ostegunean etapa lortu zuten Sepp Kussek, eta gainontzeko hautagaiak atzeratu zituzten taldeko bi lemazainek, Primoz Roglic eta Jonas Vingegaardek. Gaur, berriz, etapa Roglicek eskuratu du, eta aurrekoan behatz mamiz ukitu ondoren, elastiko gorria soineratu du Kussek. Tropeleko langilerik onenetako bat da estatubatuarra, baina lider jantzia ere ederki doakio. Hori bai, taldearen plana lasterketa Roglic edo Vingegaardekin irabaztea da. Herbeheretarrek plan zehatza dute sasoi berean hiru itzuli handiak irabazteko, eta bide onetik doaz.
Dena den, helburu bat bete gabe utzi dute gaur: Xorret de Catiko igoeran beste kolpe bat ematea hautagaien arteko borrokan. Remco Evenepoelek (Soudal) oso erritmo bizia ipini du maldan gora, eta Kuss izan da sua pizten ausartu den bakarra. Onenak batera iritsi dira mendate gainera, eta jaistiera labur baten ondoren, esprinta jokatu dute etapa irabazteko. Evenepoelek hartu du ekimena, baina azken bihurgunean aurrea hartu dio Roglicek, eta esloveniarrarentzat izan da garaipena, Evenepoel eta Juan Ayusoren (UAE) aurretik. Vueltako 11 etapa ditu dagoeneko zorroan. Mikel Landa (Bahrain) 11. izan da, eta bosgarren jarri sailkapenean, 2.29ra. Postu bat atzerago dago Evenepoel, hautagaien artean onena, 2.31ra. Orpoz opro ditu Roglic, Vingegaard, Ayuso eta Enric Mas (Movistar); 21 segundoren barruan daude bost faboritoak.
Ia ordekarik gabeko etapa osatu du tropelak Denia eta Xorret de Cati artean: bost mendate igo behar izan ditu, eta beste aldapa eta muino ugari gainditu. Ibilbidea egokia zen ihesean aritzeko, eta hainbat saiakeraren ondoren, 30 txirrindulari elkartu dira lasterketa buruan. Euskal herritarrak ziren iheslarietako bi: Jonathan Castroviejo (Ineos) eta Oier Lazkano (Movistar). Maila handiko multzoa osatu dute, besteak beste, Damiano Caruso (Bahrain), Romain Bardet (DSM), Rui Costa (Intermarche), Andreas Kron (Lotto) eta Cristian Rodriguezekin (Arkea).
Zailtasun handiko etapa izan da aurrean sartu direnentzat. Izan ere, tropelean anbizioz jokatu du Jumbok, eta lasterketa gogortzeko apustua egin, lema Lenny Martinez (Groupama) liderraren eta haren taldearen esku utzi beharrean. Horrekin batera, aurrekoek lehia bizia izan dute hautaketa egiteko. Su batean aritu dira, baina multzoak ez du eztanda egin, eta oso apurka xehatu da. Thomas De Gendtek (Lotto) bakarkako saiakera egin du urrundik, eta hura harrapatu ostean, eraso eta kontraerasoka aritu dira. Azkenean, laukote batek eragin du eten erabakigarria, helmugarako 40 kilometrora.
Galbahea igaro duenetako bat Lazkano izan da. Arabarra beti ibili da ondo kokatuta, eta indar erakustaldia egin du: zuloak itxi ditu, erasora jo du, eta errelebo indartsuak eman ditu. Caruso, Costa eta Kron izan ditu bidaide Xorret de Catira bidean, denak lehen mailako mendatea igaro eta jaitsieraren ondoren garaipena lortzeko esperantzarekin. Alabaina, laukotearen ilusioa ezerezean utzi dituzte Roglic eta Vingegaarden taldekideek. Etapa garaipena eskuratu nahi zuten, eta bide batez, Martinezek zeraman maillot gorria ere bai.
Azken igoerara iritsi eta berehala hasi da sufritzen lasterketako liderra. Lazkanoren ahaleginak ere gutxi iraun du. Hura eta Costa izan dira tropelak harrapatu dituen azken iheslariak. Behin onenen txanda iritsita, erasora jo du Kussek, eta inor ez zaio gurpilera atera. Evenepoel ez da itsutu, eta pixkanaka itxi du zuloa. Flandriarrak erritmo bizian eraman ditu beste faboritoak, eta ez zaizkio oldartu. Alde horretatik, irabazle sentitu daiteke. Esprintean, berriz, gehiegizko konfiantza izan du, eta Roglicek diru-zorroa lapurtu zion.
Etzi atseden hartu aurretik, mendiko beste etapa bat jokatuko dute bihar, Cartagena eta Collado de la Cruz artean. Ibilbidea ez da gaurkoa bezain gorabeheratsua izango, baina helmuga bigarren mailako Caravaca de la Cruz mendatean egongo da. Tarteka oso malda pikoak aurkituko dituzte azken igoeran, eta faboritoek adi ibili beharko dute.
|
2023-9-2
|
https://www.berria.eus/albisteak/232367/salatu-dute-lekeition-eraso-homofobo-bat-egon-dela.htm
|
Gizartea
|
Salatu dute Lekeition eraso homofobo bat egon dela
|
Udalak «gogor» gaitzetsi du erasoa.
|
Salatu dute Lekeition eraso homofobo bat egon dela. Udalak «gogor» gaitzetsi du erasoa.
|
Lekeitioko Udalak (Bizkaia) sare sozialetan gaitzetsi duenez, hitzezko eraso homofobo bat izan zen herrian. Atzo izan zen erasoa, parkeko gunean.
Udalak «gogor» salatu du erasoa, eta errespetua galdegin du: «Denon askatasuna da lehena, eta hori elkarrenganako errespetu osotik dator». Nabarmendu du ez dutela inolako erasorik onartuko.
|
2023-9-2
|
https://www.berria.eus/albisteak/232368/arabarrek-sendo-jarraitzen-dute-mendirrotzan.htm
|
Kirola
|
Arabarrek sendo jarraitzen dute Mendirrotzan
|
Denboraldiko bigarren garaipena lortu du Luis Garcia Plazaren taldeak. Centek egin du partidako gol bakarra, bere atean.
|
Arabarrek sendo jarraitzen dute Mendirrotzan. Denboraldiko bigarren garaipena lortu du Luis Garcia Plazaren taldeak. Centek egin du partidako gol bakarra, bere atean.
|
Etxean bezala, inon ez. Alavesek ondo baino hobeto daki zein den esaldi horren esanahia, Mendizorrotzan oso gustura aritzen baitira gasteiztarrak. Sei puntu lortu dituzte orain arte ligan, eta seiak etxean eskuratu dituzte. Azken hiruak gaur, gaztez betetako Valentziari 1-0 gailendu ostean. Zalantza askorekin hasi zuten liga arabarrek, baina estreinako lau jardunaldiak nola joan diren ikusita, lasai joango dira Luis Garcia Plazarenak sasoiko lehen etenaldira.
Zale asko haien eserlekuetan eseri gabe ziren partidako lehen jokaldi garrantzitsua iritsi denerako. Neurketa hasi eta 40 segundora, Mamardashvili atezainak penaltia egin dio Luis Riojari. Diakhabyk baloia bere atezainari pasatu nahi izan dio, baina Alaveseko aurrelaria bizi ibili da eta georgiarra baino lehenago iritsi zen baloira. Valentziako atezainak aurretik eraman du Rioja. Mamardashvilik, baina, penaltia gelditu dio Kike Garciari. Errepikatu behar izan dute, Valentziako jokalari bat arean sartu delako Alaveseko aurrelariak penaltia jaurti baino lehenago. Bigarrengoan, jaurtiketa aldez aldatu du Kike Garciak, baina atezainak aldea asmatu dio berriro.
Horrelako kolpe bat jaso ostean, sendagairik onena gola da, eta gasteiztarrek berehala erdietsi dute. Ruben Duarteren erdiraketa egin du ezker hegaletik, Kike Garciak baloia errematatzen asmatu du, eta Cenk atzelariak bere atean sartu du baloia. Hasiera eroa Mendizorrotzan. 7. minuturako 1-0 zegoen partida. Ruben Barajaren Valentzia oso taldea gaztea da, eta jokalari gehienek esperientzia gutxi izan arren Lehen Mailan, ausardia handia erakutsi dute gola jaso ondoren. Kikildu gabe, aurrera egin dute banakoaren bila, baina Alavesek sendo eutsi dio, bisitarien oldarraldien aurrean Herrialde Katalanetako taldeak oso azkar iritsi nahi izan du Antonio Siverak zaindutako areara, eta joko zuzen horretan Alaves oso eroso zegoen. Aurkariari falta izan zitzaion lasaitasun hori izan dute arabarrek lehen zatiko azken minutuetan. Kontraerasoan min egiten ahalegindu dira. 40. minutuan Kike Garcia aldea handitzetik gertu egon da, baina haren ezkerkadak zutoina jo du.
Sendo atzean Aurreneko zatiaren antzera hasi da bigarrena: arabarren gol abagune batekin. Luis Riojak 2-0ekoa egiteko aukera aparta izan du, baina Diakhabyk bikain bota du bere burua lurrera, Sevillako hegalekoaren ezkerkada kornerrera desbideratzeko. Valentziak ere gertu izan du gola, neurketako ordubetera iristear. Diego Lopezek, ukitu bikain batekin, Alaveseko hiru jokalari atzean utzi, eta Siveraren aurrean geratu da bakar-bakarrik. Baina arabarren atezainak sekulako geldiketa egin du atea hutsean mantentzeko.
Barajaren taldea Gayaren eskarmentua eta kalitatea baliatzen ahalegindu da Alaveseko defentsan zirrikituak aurkitzeko. Hori ekiditeko asmoz, Luis Garcia Plazak Xeber Alkain kendu, eta Alex Sola jarri du eskuin hegalean, Andoni Gorosabelen aurretik. Zelairatu eta gutxira, asistentzia bat ematear izan da donostiarra bere debutean, baina Kike Garciak ez du asmatu Solaren erdiraketa zehatza behar bezala errematatzen. Minutuek aurrera egin ahala Valentzia geroz eta jokalari gehiagorekin iristen hasi da areara, baina arabarrak sendo aritu dira defentsa lanetan, eta arriskua sortzen saiatu dire kontraerasoen bitartez. Korrika egin ezin zutenean, Alaveseko jokalariek Kike Garciarengana jotzen zuten, hark baloia jaitsi, eta taldeari arnas pixka bat emateko. Golik ez du sartu, baina lan handia egin du aurrelariak. Norgehiagokako azken ordu laurdenean partida asko ireki da, Alavesek aukera bat baino gehiago izan du, baina emaitza ez zen aldatu.
|
2023-9-3
|
https://www.berria.eus/albisteak/232389/tolosaldea-izan-da-lehen-jardunaldiko-ontzi-azkarrena.htm
|
Kirola
|
Tolosaldea izan da lehen jardunaldiko ontzi azkarrena
|
Ustekabea eman du, eta hemezortzi ehunenen tartean irabazi du bigarren txanda. Arraun Lagunak izan da bigarren, Donostiarra hirugarren, bi segundora, eta Orio laugarren, lau segundora.
|
Tolosaldea izan da lehen jardunaldiko ontzi azkarrena. Ustekabea eman du, eta hemezortzi ehunenen tartean irabazi du bigarren txanda. Arraun Lagunak izan da bigarren, Donostiarra hirugarren, bi segundora, eta Orio laugarren, lau segundora.
|
Egun ilunean argi izpia izan da Tolosaldea. Lehia handia espero zen bigarren txandan, eta hala izan da. Sekulakoa. Hasierako txanpan Donostiarra, Tolosaldea, eta Arraun Lagunak parez pare izan dira, eta Hondarribia atzeratzen joan da. Hirugarren minuturako, sei segundoren galerarekin zegoen Ama Guadalupekoa, Kaiku eta Zumaia-ren denbora berean. Donostiarrak eutsi dio lehen postuari, eta lau minutuko lanean, bi segundoren tartea ireki du etxeko traineruak Tolosaldea eta Arraun Lagunak-ekin. Gainera, lehen txandan Oriok egin duen denbora segundo batean hobetuz. Aipagarria ere, Tolosaldeak egin duen lehen luzea, denboraldiko onenetakoa.
Ziabogan, Donostiarrak 5.09ko denbora jarri du. Jarraian, Arraun Lagunak eta Tolosaldeak hiru segundora iritsi dira, eta Hondarribia, makal, hamalaura. Bigarren luzean, Tolosaldeak azken martxa sartu du, eta 700 metro falta zirela, estropadaren buruan jarri da. Donostiarra, eta Arraun Lagunak parean izan dira, Tolosaldeatik segundo bakar batera.
Badia barruan sartu dira, azken palakadak emanez, eta oraindik dena zegoen erabakitzeko. Segundo bakar batean hiru ontziak sartu dira, Orioren denbora hobetuz bost segundoan. Ikusgarria izan da estropada amaiera. Oilarren pare jarri dira lehen hiru ontziak, eta ia helmugako argazkian erabakitako estropada izan da. Tolosaldea iritsi da helmugara lehen, 18 ehunenen aldearekin Arraun Lagunakekin. Hirugarren Donostiarra izan da bi segundo eskasera, eta Hondarribia 21era helmugaratu da. Lau hautagai nagusiak lau segundoren tartean izango dira ohorezko txandan, hurrengo igandean.
Orio ohorezko txandan
Aurrez, lehen txandan, Oriok branka sartu du hasieratik eta oso azkar nagusitu, txanda menderatzeko grina erakutsita. Oso ongi finkatutako arraunkera eginez aritu da Orio, eta bigarren Hibaikak jarraitu dio lanaren lehen minutuetan. Aurreikuspenak betez joan dira, eta ontzi bat sartu dute mirotzek gainontzeko ontziei luze erdirako.
Aquariuma pasatuta, orduko 10 km-ko haize boladak izan diren arren, ez dute zailtasun handirik izan lau ontzietako patroiek txalupa zuzentzeko. Lan erditan Oriok 5.13ko denbora markatu du ziabogan, Hibaikak zortzi segundora egin du, eta Kaikuk eta Zumaiak hamabira.
Oriok nahieran egin du bigarren luzea, hirugarren kaletik sartuta eta hamar segundoko tartea irekiz Hibaikarekin. Zumaiak sei segundoko tartea mantendu du Hibaikaren atzetik, eta bigarren luzean galduz joan dena Kaiku izan da, 20 segundora. Hibaikaren bigarren luzea izan da aipagarria. Badia barruan sartu da ontzi horia, ziztu bizian, eta azken metroetan indar guztiak hustu nahian. Bi segundo atera dizkio Hibaikari. Urte osoko lanak ateratzen saiatu da Orio. Helmugan markatutako denbora 10.42koa izan da. Hibaika 15.22 segundora sartu da, ondoren Zumaia 22ra, eta azkenik Kaiku 33ra.
Sailkapena
1. Tolosaldea, 10.37
2. Arraun lagunak, 0.18ra
3. Donostiarra, 2.16ra
4. Orio, 4.66ra
5. Hibaika, 19.58ra
6. Hondarribia, 21.68ra
7. Zumaia, 27.22ra
8. Kaiku, 27.92ra
|
2023-9-3
|
https://www.berria.eus/albisteak/232390/eguneko-denborarik-azkarrena-egin-du-urdaibaik-ikuskizuna-emanda.htm
|
Kirola
|
Eguneko denborarik azkarrena egin du Urdaibaik, ikuskizuna emanda
|
Lan erdietan ohorezko txandatik kanpo zegoen Bou Bizkaia, eta bigarren luzean lehen postua lortu du. Segundo bakarraren tartea du Hondarribiarekin, eta Donostiarra eta Orio izango dituzte aurkari ohorezko txandan.
|
Eguneko denborarik azkarrena egin du Urdaibaik, ikuskizuna emanda. Lan erdietan ohorezko txandatik kanpo zegoen Bou Bizkaia, eta bigarren luzean lehen postua lortu du. Segundo bakarraren tartea du Hondarribiarekin, eta Donostiarra eta Orio izango dituzte aurkari ohorezko txandan.
|
Emakumeek eman duten ikuskizuna hobetzea gehiegi eskatzea izan liteke, agian, baina ez dira atzean geratu gizonak. Lehen txandan, Hondarribia, Orio, Donostiarra eta Zierbena aritu dira, hurrenez hurren. Hautagai nagusia —Urdaibai— beste txandan zen, eta lana ahalik eta hobekiena egiteko beharra zuten lau ontziek. Lehendabiziko palakadetatik Donostiarrak branka sartu du, denboraldian zehar ohituta gaituen moduan.
Lehen minutuetan, protagonismoa Oriok eta Hondarribiak hartu dute. Hondarribia lehen kaletik bigarrenera igaro da, eta Orioren parean jarri da. Gertuegi agian, baina tarte txar hori pasatuta, bere kalera itzuli da. Bitartean, hirugarren kaleko Zierbena atzean geratuz joan da, Donostiarraren antzera. Estropada hasieran, abisatu dute adituek bi kale horietan itsaslasterrek zuten eraginez, eta emakumeen txandetan baina gehiago nabaritu da honetan.
Hondarribia nagusituz joan da pixkanaka, eta hiru segundo aurretik jarri dira luze erdian. Ziabogara iristear zeuden, eta Oriok tarte horri ongi eutsi dio. Era berean, uste baino tarte handiagoak ikusi dira lau ontzien artean. Lan erdiak pasatuta, Hondarribiak buruan, Orio lau segundora, Donostiarra zazpira, eta Zierbena hamaikara.
Hondarribiak ezin izan du tartea handitu, eta Orioko entrenatzaile Jon Salsamendik agindu argiak eman dizkio bitartean patroiari: «Gaur edo inoiz ez». Tarteak mantendu egin dira, eta poparean oso parekatuta ibili dira lau ontziak. Sailkapenean azkarrena izan zen Zierbenaren arrastorik ez zen, eta estropada burutik bederatzi segundora izan da ia luze osoan. Hondarribia Orioren kalean sartu da, berriro ere, eta epaileak bandera zuria atera dio, alden zedin.
Azken metro erabakigarrian sartu dira lau ontziak. Donostiarrak olaturen bat hartu, eta momentu ona baliatu du bost segundora jartzeko, Orioren pare. Azkenean, Hondarribia garaile. 19.21ko denbora ezarri dute, Donostiarra 3.12ra sartu da, eta Orio, 3.88ra. Zierbena, berriz, 6ra.
Urdaibai, erlojupean
Bigarren txandan, Hondarribiaren denbora hobetzera Getaria, Cabo, Urdaibai eta Ondarroa irten dira. Lau ontziek ligan erakutsitako mailaren arabera, Urdaibairen nagusitasuna aurreikus zitekeen. Bi minutu eskasean, lau segundoren errenta atera dio Getariari, bostena Cabori, eta seirena Ondarroari. Erlojupekoa hasi du Bou Bizkaia-k, eta aurkari bakarra Hondarribiak ezarritako denbora izan du.
Lehen luze erdian, Urdaibai bakar-bakarrik, eta gainontzeko hiru ontziak zortzi segundora. Beraz, Urdaibairen maniobrari itxarotea besterik ez zen geratzen, hanka sartzeko aukera bakarra. Hondarribiaren denbora maniobran, 9.19koa zen, eta Urdaibaik 9.31ra egin du. Denbora horrekin ohorezko txandatik kanpo zegoen Urdaibai. Emozioa bukaerara arte.
Bizkaitarrek estutzeko garaia behar zuen, eta ez dute huts egin. Txandako aurkariei tartea handituz joan da Bou Bizkaia, eta hegan egiten hasi da. Ohorezko txandan sartzeko nahikoa izango zuen jakiteko goiz oraindik, baina beste itxura bat zuen Bermeokoen luzeak. Bestalde, Cabo eta Getaria denbora berean oraindik ere, eta Ondarroa atzean geratuz, aurrekoetatik sei segundora.
Azken mila metroak bakarrik egin ditu Urdaibaik, dena emanez, eta lehertzeko zorian. Gorka Aranberriren mezuek beste kutsu bat zuten, larritasun kutsua agian. Erreferentziarik ez, eta ezinezkoa jakitea Hondarribiari tartea txikitu ote zion edo ez, baina bazirudien baietz. Orduko 20 kilometroko abiaduran sartu da Bou Bizkaia helmugara, eta 19.20ko denboran. Ohorezko txandatik kanpo geratzeko zorian, eta azkenean denbora onena eginez. Izugarria Iker Zabalaren arraunlariek egindakoa. Ondoren, Cabo sartu da 27 segundora, eta Getaria ehunen eskasera. Azkenik, Ondarroa 40 segundora.
Hurrengo igandean izango da azken proba, eta ohorezko txandan Urdaibai, Hondarribia, Donostiarra eta Orio izango dira. Lau segundoren tartea besterik ez dago horien artean, eta oraindik dena dago erabakitzeko.
Sailkapena
1. Urdaibai, 19.20
2. Hondarribia, 1.25era
3. Donostiarra, 4.19ra
4. Orio, 4.97ra
5. Zierbena, 7.75ra
6. Cabo, 27.68ra
7. Getaria, 28.20ra
8. Ondarroa, 40.12ra
|
2023-9-3
|
https://www.berria.eus/albisteak/232391/athleticek-hutsean-berdindu-du-mallorcan.htm
|
Kirola
|
Athleticek hutsean berdindu du Mallorcan
|
Baloiaren jabetza izan dute zuri-gorriek, baina ez dute asmatu ate aurrean. Datorren asteko etenaldira 7 punturekin iritsiko dira.
|
Athleticek hutsean berdindu du Mallorcan. Baloiaren jabetza izan dute zuri-gorriek, baina ez dute asmatu ate aurrean. Datorren asteko etenaldira 7 punturekin iritsiko dira.
|
Gehiago egin zezakeen sentipenarekin itzuliko da Athletic Mallorcatik. Ez dute neurketa txarra egin Ernesto Valverderen mutilek, baina azken metroetan argitasuna falta izan zaie berdinketa hausteko. Baloi jabetza izan dute, nagusi izan dira une askotan —batez ere lehen zatian—, baina ez da garaipena lortzeko nahikoa izan.
Espero zirenak zelairatu ditu Valverdek. Joan den jardunaldiko hamaikako bera, zigortuta zegoen Sancet sartuta Muniainen ordez, eta lesiotik atera berria zen Yuri sartuta Imanolen ordez. Etxeko taldea oso indartsu atera da hasieran, eta Athletici kosta zaio norgehiagokan sartzea.
Behin sartutakoan, ordea, nagusi izan da. Lehen zatikoa izan da zuri-gorrien jardunik onena; baloia zuten, eta etengabe ari ziren Mallorcaren area bilatzen, Williams anaien jokaldiak baliatuz edo barnealdean Sanceten magia bilatuz. Iruindarrak gola sartzeko hiru aukera izan ditu, eta Nico Williamsek ere bai pare bat onak. Athleticen nagusitasunaren erakusle, aipatzekoa da etengabe ibili dela Muriqi aurrelaria baloiak Mallorcaren areatik aldentzen.
Kosovokoa protagonista izan da bigarren zatian ere: 49. minutuan baliogabe utzi diote gol bat jokoz kanpo zegoelako, eta 73. eta 75. minutuetan ere bi aukera argi izan ditu. Mallorcaren minutu onenak izan dira. Bigarren zatian, ordea, ez da izan kontatzeko askoz gehiago; asko moteldu da jokoa.
Gaur bildutako puntuari esker, 7 ditu Athleticek. Datorren astean atsedena izango dute jokalariek, eta bi aste barru itzuliko da liga. Etenaldira bi garaipen (Osasuna eta Betis), berdinketa bat (Mallorca) eta porrot bat (Real Madril) jasota helduko dira zuri-gorriak.
Mallorca: Rajkovic; Valjent, Van der Heyden, Gio Gonzalez, Maffeo, Lato (Costa, 68. min); Samu Costa, Dani (Morlanes, 68. min), Darder (Abdon, 83. min); Muriqi eta Larin (Llabres, 55. min).
Athletic: Unai Simon; Lekue (Prados, 59. min), Vivian, Paredes, Yuri; Vesga (Dani Garcia, 77. min), Ruiz de Galarreta, Sancet (Muniain, 59. min); Nico Williams (Berenguer, 77. min), Iñaki Williams (Raul Garcia, 83. min) eta Guruzeta.
|
2023-9-3
|
https://www.berria.eus/albisteak/232392/athleticek-irabazi-du-euskal-herria-kopa.htm
|
Kirola
|
Athleticek irabazi du Euskal Herria Kopa
|
Zuri-gorriak 2-0 aurreratu dira, Realak berdindu egin du, baina atsedenaldirako zuri-gorriak aurretik ziren berriz ere. Aurredenboraldiko azken partida izan da bi taldeentzat.
|
Athleticek irabazi du Euskal Herria Kopa. Zuri-gorriak 2-0 aurreratu dira, Realak berdindu egin du, baina atsedenaldirako zuri-gorriak aurretik ziren berriz ere. Aurredenboraldiko azken partida izan da bi taldeentzat.
|
Athleticek bederatzigarrenez irabazi du Euskal Herria Kopa. Lezaman (Bizkaia) jokatu du finala Realaren aurka, eta gogotik lan eginda lortu du garaipena (4-2). Zuri-gorriak 2-0 aurreratu dira, txuri-urdinek 2-2 berdindu dute, eta, azkenean, etxekoek sartu dituzte garaipenaren bi golak.
Dominatzen hasi da Athletic, eta 13. minutuan iritsi zaio saria. Marianak gol ikusgarria sartu du area ertzetik. Bigarrena Azkonak egin du buruz, 19. minutuan.
Realaren lehengoa 30. minutuan sartu du Nerea Eizagirrek, area barruan bere kalitatea baliatuta. 36.ean Jensenek berdindu du partida, atezainaren irteera txar bati esker. Atsedenaldira berdinduta iritsiko zirela zirudienean sartu du Athleticek hirugarrena, 48. minutuan. Paula Arana izan da golegilea, aldaratze bat baliatuta. Gol festa, beraz, lehen zatian.
Bigarren zatian ere bide beretik jo dute bi taldeek, baina gola ez da heldu 80. minutura arte. Azkonak, bere bigarrena sartu, eta garaipena ziurtatu du Athleticentzat.
Guardian (Araba) zen jokatzekoa partida, baina, eguraldi txarra tarteko, zelaia oso gaizki zegoen atzo, eta antolatzaileek lekuz aldatzea erabaki zuten. Azkenean, Lezaman (Bizkaia) jokatu da.
David Aznarren eta Natalia Arroyoren taldeentzat denboraldiaurreko azken partida izan da. Hamahirugarren aldia du txapelketak, eta garaikurra altxatzea lortu duten talde bakarrak dira. Gaurkoarekin, zuri-gorriek bederatzi aldiz irabazi dute, eta txuri-urdinek, lau. Bi taldeek denboraldiaurre txukuna egin dute, eta fitxatu berriak zein harrobitik igotako jokalariak ondo aritu dira.
|
2023-9-4
|
https://www.berria.eus/albisteak/232393/osasunak-galdu-egin-du-etxean-penalti-eztabaidagarri-baten-eraginez.htm
|
Kirola
|
Osasunak galdu egin du etxean, penalti eztabaidagarri baten eraginez
|
Galdu arren, taldearen jokoarekin pozik zegoen Jagoba Arrasate entrenatzailea: «Hau da bidea», esan du.
|
Osasunak galdu egin du etxean, penalti eztabaidagarri baten eraginez. Galdu arren, taldearen jokoarekin pozik zegoen Jagoba Arrasate entrenatzailea: «Hau da bidea», esan du.
|
Epaileen erabakiak garaipena eman zion Bartzelonari atzo Iruñean. Gorritxoek estu hartu zituzten kataluniarrak bigarren zatian, baina, jokaldi eztabaidagarri baten ostean, epaileek Osasunaren aurkako penaltia ebatzi zuten, partida amaitzeko hamar minutu falta zirela.
Europako lehian aste honetan bertan jokaturiko partidaren ostean, jokalari taldea fresko zelairatzea erabaki zuen Jagoba Arrasate entrenatzaileak.
Kataluniarrek lehenengo aukera eduki zuten partida hasi eta bi minutura, Frenkie De Jongek baloi bat Osasunaren ateko eskuineko zutabearen aurka bota zuenean. Bartzelona baloiaren jabe izan zen lehenengo zatian, baina gorritxoek abiadarekin erantzun zioten, kontraerasoaren bila.
Halakoetako batean, gola sartzeko zorian egon zen Aimar Oroz. Aresoren eta Ruben Garciaren artean, jokaldia sortu zuten, eta Orozi hanketan jarri zioten baloia Bartzelonaren arearen barruan. Baina saririk gabe geratu zen jokaldia. Nabarmentzekoa da Ter Stegen atezainaren lana.
Atsedenaldiaren aurretik heldu zen kataluniarren lehenengo gola. Koundek erraz eginiko tiroak aurreratu zituen bartzelonarrak.
Beste partida bat jokatu zuten bigarren zatian. Partidaren lema hartu zuten nafarrek. Izan ere, Arrasatek Chimy Avila, Barja eta Budimir zelairatu zituen, eta horrek bultzada eman zion taldeari. 76. minutuan, gola ekarri zuen erasoaldi batek. Ezkerrarekin baloikada gogorra jaurti zuen Avilak, eta, zutabea jo ostean, Stegenen sarean sartu zen.
Halere, partida epaileek ebatzi zuten. Jokaldi zalantzagarria gertatu zen Osasunaren arearen barruan, partida amaitzeko hamar minutu falta zirela. Ortiz Arias epaileak bideoaren bidez aztertu behar izan zuen, baina zalantza gutxi agertu zuen: Osasunaren kontrako penaltia ebatzi zuen, eta Catenari txartel gorri zuzena ateratzea, Lewandoskiri heldu ziolakoan. Azken horrek sartu zuen penaltia.
«Hau da bidea»
Emaitzak emaitza, Arrasate pozik zegoen partidarekin, ostean eginiko agerraldian. Osasunaren bertsio ona ikusi zuela esan zuen. «Harro gaude, baina pena dugu partida ederra egin dugulako, saria jaso ez badugu ere».
Arrasatek nabarmendu zuen taldeari bederatzi jokalari aldatuta ere, ondo jokatzeko gai izan dela. «Pozik nago jende horren maila ikusita. Jokalariak gehitu dizkiogu geure kausari. Hau da bidea».
|
2023-9-4
|
https://www.berria.eus/albisteak/232394/langabezia-24-handitu-da-abuztuan-araban-bizkaian-eta-gipuzkoan.htm
|
Ekonomia
|
Langabezia %2,4 handitu da abuztuan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan
|
108.658 pertsona daude izena emanda Lanbiden.
|
Langabezia %2,4 handitu da abuztuan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 108.658 pertsona daude izena emanda Lanbiden.
|
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lan merkatuaren inguruko datuak eman berri dituzte, eta, ondoriozta daitekeenez, langabezia handitu egin da abuztuan. 2.483 pertsona gehiago dabil lan bila, uztailean baino %2,34 gehiago. Denera, 108.658 pertsona daude izena emanda Lanbiden. Edonola ere, lan bilatzaile kopuru hori inoizko txikiena da abuztu baterako, 2008. urtetik.
Espainiako Lan eta Gizarte Ekonomia ministerioak eman ditu datuak. Horien arabera, iazko abuztuan baino 5.100 langabe gutxiago zenbatu dituzte aurtengoan. Beraz, %4,48 gutxiago.
|
2023-9-4
|
https://www.berria.eus/albisteak/232395/abuztuan-3000-langabe-gehiago-eta-13000-afiliatu-gutxiago.htm
|
Ekonomia
|
Abuztuan, 3.000 langabe gehiago eta 13.000 afiliatu gutxiago
|
Eskola oporrek eragindako kaleratzeek eta turismoari lotutako kontratuen amaierak eragin dituzte datu kaskarrak. Emakumeen arteko langabezia tasa gizonena baino ia bost puntu handiago da
|
Abuztuan, 3.000 langabe gehiago eta 13.000 afiliatu gutxiago. Eskola oporrek eragindako kaleratzeek eta turismoari lotutako kontratuen amaierak eragin dituzte datu kaskarrak. Emakumeen arteko langabezia tasa gizonena baino ia bost puntu handiago da
|
Abuztua hilabete kaskarra izan ohi da enpleguarentzat, eta aurtengoa ez da salbuespena izan. Langabe kopurua handitu egin da, eta txikitu, berriz, Gizarte Segurantzaren afiliazioaren bitartez zenbatutako langile kopurua. Aldagai batean zein bestean, datuak aurreko urteetakoen oso antzekoak izan dira, halakoak baitira datu okerragoen arrazoiak: hezkuntzari lotutako langile batzuen sasoiko kaleratzea—garbitzaileak, jantokietakoak, irakasle batzuk...– eta udarako langileen kontratuen amaiera.
«Hilabeteko datuek ohiko portaera erakusten dute, urte bikain batean», ziurtatu du Alfonso Gurpegi Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuordeak. Zenbaki hobeagoak espero ditu udazkenean, historikoki hala gertatu izan delako, eta jarduera ekonomikoa bizkortzea espero duelako.
Irakurketa ezkorragoa egin dute sindikatuek. «Enplegua suntsitu da berriro», nabarmendu du ELAk, eta «kontratazio berrietan dagoen prekaritatea» agerian geratu dela gaineratu. «Berri txarrak» ikusi ditu CCOOk, eta behin-behinekotasuna murrizteko neurri gehiago eskatu ditu, «lan erreformaren ondorioak agortzen ari baitira».
Hain zuzen ere, lan erreformaren ondorioekin lotu du LABek «emakume prekarioen kopuruak gora egitea». Erreforma horrek aldizkako kontratu finkoak ugaritu ditu, eta horietakoak dira udako hilabeteetan etendakoetako asko. LABen datuen arabera, maiatzetik abuztura emakumeek zituzten aldizkako kontratu finkoen %65,1 eten egin dituzte; gizonen artean, berriz, %29,2. «Feminizatuak dauden hainbat sektoretako langileen lan baldintza ezegonkor zein prekarioen erakusle».
Arantxa Niño UGT-Euskadiko Enplegu eta Formakuntza idazkariak, berriz, «zentzugabetzat» jo du ostalaritzan eta merkataritzan langabe kopurua handitu izana festa sasoia denean eta turismoa errekorrak hausten ari denean. Kaleratzeak ikertzeko eskatu dio Lan Ikuskaritzari.
Langabezia tasa, %10
Langabeziari dagokionez, uztailean baino 2.496 langabe gehiago zenbatu dituzte Lanbideren eta Nafar Lansareren bulegoetan. 2017az geroztik, abuztuan bi eta hiru mila langabe artean gehitzen dira zerrendetara.
Guztira, 137.822 langile ageri dira langabe gisa erregistratuta enplegu bulegoetan, iazko abuztuan baino 6.897 gutxiago.
Azken hilabetean lurralde guztietan handitu da langabe kopurua, baina batez ere Bizkaian (+1.005) eta Gipuzkoan (+920). Araban ere asko handitu da (+558), baina ezer gutxi Nafarroan (+13). Azken datu hori baliatu du Carmen Maeztu Nafarroako Eskubide Sozialetako eta Enpleguko kontseilariak abuztuko datuen interpretazio «positiboa» egiteko eta enplegua «egonkor» dagoela esateko. Haren iritziz, azken lan erreformaren eta «Nafarroako Gobernuaren azken urteetako politiken» ondorio dira datuak.
Langabezia tasa %10era itzuli da, baina askoz handiagoa da emakumeen artean (%12,4) gizonen artean baino (%7,9).
1,3 milioi baino gutxiago
Afiliazioari dagokionez, galera ohi bezain ikusgarria da: batez beste 13.043 kotizatzaile gutxiago izan ditu Gizarte Segurantzak Hego Euskal Herrian. Iazko antzeko kopurua da, orduan 13.621 kotizatzaile galdu baitzituen Gizarte Segurantzak hilabete horretan.
Ohikoa da udan zehar hezkuntzan galdutako lanpostuak irailean eta urrian berreskuratzea, eta horrek beste zerbait ekartzen du: langabezia saria eskuratzen dutenen kopuruak behera egitea. Ekainetik uztailera, salto egiten du langabezia sari arrunta jasotzen dutenen kopuruak —aurten, %25etik %31era—, baina berriro erortzen da urrian.
|
2023-9-7
|
https://www.berria.eus/albisteak/232397/aragones-ancren-diadako-manifestazioan-izango-da.htm
|
Mundua
|
Aragones ANCren Diadako manifestazioan izango da
|
Inbestidura dela eta, Espainiako Estatuari presio egitera bideratu dutela argudiatu du Kataluniako presidenteak. Europako Parlamentuan bildu dira gaur Yolanda Diaz eta Carles Puigdemont, eta «gatazka politikoa desblokeatu ahal izateko irtenbide demokratiko guztiak aztertzea» adostu dute.
|
Aragones ANCren Diadako manifestazioan izango da. Inbestidura dela eta, Espainiako Estatuari presio egitera bideratu dutela argudiatu du Kataluniako presidenteak. Europako Parlamentuan bildu dira gaur Yolanda Diaz eta Carles Puigdemont, eta «gatazka politikoa desblokeatu ahal izateko irtenbide demokratiko guztiak aztertzea» adostu dute.
|
Pere Aragones Kataluniako presidenteak TV3 telebistan jakinarazi duenez, ANCk Diadarako deitu duen manifestazioan parte hartzeko asmoa du. Iaz ez zen manifestazio horretan izan, «alderdi politikoen kontrakoa» zelako, eta «ez Espainiako Estatuaren aurkakoa». Kataluniako telebistan egin dioten elkarrizketan, Aragonesek argudiatu du aurten deialdiak bestelako norabide bat duela: «Uste dut aurten, inbestidura dela-eta, Espainiako Gobernuari presio egitera bideratu dutela, gure helburua zein den oroitaraziz: herrialdearen independentzia».
Aragonesek gaineratu du ERCk ez duela bere jokabidea aldatu azken urte honetan: «Lau urtez estatuaren aurrean bakarrik egon eta gero, pozten nau [Junts] batzea. Zenbat eta gehiago izan, orduan eta indar handiagoa egin ahal izango dugu. Esan du, batzeaz gain, negoziatzeko gaitasuna areagotu egingo litzatekeela Kataluniako bi indar independentista nagusiak koordinatuko balira.
Diada Kataluniako aberriaren eguna Irailaren 11n ospatzen da, eta ANCren manifestazioa Bartzelonan egingo da. Lau zutabek osatuko dute. Justiziaren Hiritik, Proa Eskolatik, Santseko geltokitik eta Ogasuneko egoitzatik abiatuko dira, eta Espainia plazan elkartuko dira.
Manifestaziora deitzeko, ANCk salatu du «porrot» egin duela Espainiarekin elkarrizketa bat izateko saiakerak, eta herritarrak borroka egitera deitu ditu. Gainera, urtearen bigarren seihilekoan Europako Batasuneko presidentetza Espainiak izango duela baliatuz, auzia Europara eraman nahi du. «Garbi utzi nahi dugu hemen ez dela ezer amaitu: [2017ko] Urriaren 1ean bozkatu genuen independentzia nahi dugu».
Deialdian, ordea, alderdi independentistak ere gogoan izan ditu ANCk, eta Espainiarekin azken bi urteetan izandako negoziazioak ere jomugan izan ditu, hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia dela esanez. «Alderdi independentistak ez direla ezer egiten ari ere salatzen dugu. Elkarrizketa mahaiak ez du ezertarako balio izan, eta berehala ekin behar da. Autonomismoaren amaiera eta independentziara eramango gaituen azken erasoaren hasiera exijitzen dugu.
Madrildik Bruselara, eta Kataluniara bueltan
Duela sei urte Kataluniatik Bruselara ihes egin zuenetik lehen aldiz, Kataluniako presidente ohi Carles Puigdemontekin bildu da gaur Espainiako Gobernuko ministro bat. Jardungo presidenteorde eta Lan ministro Yolanda Diaz elkartu da harekin, europarlamentuan (Brusela). Hiru orduko bilkuraren ostean, prentsa ohar bateratu bat zabaldu dute. Besteak beste, bi aldeek adostu dute «gatazka politikoa desblokeatu ahal izateko irtenbide demokratiko guztiak aztertzea». Han izan dira En Comu-Podemeko buru Jaume Asens eta eurodiputatu Antoni Comin ere.
Xehetasun askorik eman gabe, Sumarreko liderra «pozik» agertu da Puigdemontekin izandako elkarrizketaren ondoren. Are, ziurtatu du lehena izan arren, gaurkoa ez dela izango Kataluniako presidente ohiarekin elkartuko den azken aldia. Izan ere, prentsa oharrean adierazitakoaren arabera, zerbait komuna badute Sumarrek eta JxCk: «Politika elkarrizketaren eta printzipio demokratikoen bidez egin behar delako uste osoa».
Halere, ez Diazek, ez Puigdemontek ez dituzte zehaztu zein izango liratekeen gatazka desblokea ditzaketen «irtenbide demokratiko» horiek. Independentistek aurreratu dituzte zenbait eskakizun, hala nola Kataluniaren independentziaren inguruko erreferendum bat egitea eta amnistia aitortzea 2017ko erreferendumean parte hartu zuten eta ondorioz atxilotutakoei. Edonola ere, argi adierazi du Diazek: Sumarren izenean egin zuen bisita, eta, beraz, bileran hitz egindakoak «ez du inolako loturarik Sanchezen gobernuarekin».
Diazek esandakoa berretsi du PSOEk. Atzo gauean izan zuten Bruselako hitzorduaren berri, bilera egin baino ordu gutxi lehenago. Halere, «irtenbide demokratiko» posible horiek aipatu ditu Sanchezek goizean Madrilgo Ateneoan egindako konferentzian. Jardungo presidenteak esan du «ateak irekiak» dituela 2017ko erreferendumaren harira auzipetutakoen «amnistia» bat edo «zigorren arintze bat» onartzeko. Neurri horiek «erabat konstituzionalak» badira, betiere. «Ezin ditugu iraganeko hutsak egin berriro. Politikaren abagunea da: lehengoa atzean uzteko, lehengo hutsegiteetatik ikasteko eta elkarbizitzan oinarritutako etorkizun bati begira jartzeko abagunea». Hain justu, Puigdemontek bihar aurkeztuko ditu JxCk Sanchezen inbestiduraren alde egiteko baldintzak.
|
2023-9-4
|
https://www.berria.eus/albisteak/232398/ukrainako-defentsa-ministroak-dimisioa-eman-du.htm
|
Mundua
|
Ukrainako Defentsa ministroak dimisioa eman du
|
Zelenskik Reznikov kargugabetzeko asmoa zuen, iritzita «ikuspegi berri bat» behar duela ministerioak. Errusiak Ukrainako portu bati eraso egin dio, bigarren egunez jarraian.
|
Ukrainako Defentsa ministroak dimisioa eman du. Zelenskik Reznikov kargugabetzeko asmoa zuen, iritzita «ikuspegi berri bat» behar duela ministerioak. Errusiak Ukrainako portu bati eraso egin dio, bigarren egunez jarraian.
|
Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak atzo iragarri zuenez, Oleksii Reznikov Defentsa ministroa kargugabetzea proposatzeko asmoa zuen herrialdeko parlamentuan, eta Reznikovek berak eman du dimisioa, X sare sozialaren bidez jakinarazi duenez. «Ohore bat izan da azkeneko 22 hilabeteetan, Ukrainaren historia modernoko aldirik gogorrenean, ukrainar herria zerbitzatzea eta Ukrainako armadarentzat lan egitea». Ukrainako presidenteak argudiatu du ministerioak «ikuspegi berri bat» eta gizartearekin zein militarrekin erlazionatzeko «beste formatu batzuk» behar dituela. Rustem Umerov proposatu dute Reznikoven lekua hartzeko. Krimeakoa da, musulmana, eta jatorri tartariarra du. Aldaketa iritsi da, hain justu, Ukraina gerra frontean kontraerasoan ari denean.
Ez Zelenskiren jarrerak, ez Reznikoven erabakiak inor ez du ezustean harrapatu. Izan ere, aurreko urtarrilean jopuntuan egon zen ministroa, ministerioan gertatutako ustelkeria kasuen berri eman zutelako herrialdeko hedabideek. Presidenteak zenbait goi kargudun kanporatu zituen orduan, eta Reznikov ere kaleratua izateko zorian egon zen. Prentsa agerraldi batean azpimarratu zuen karguari uko egingo ziola Zelenskik hala eskatuz gero. Zortzi hilabete geroago hartu du erabakia, estatuburuak bultzatuta. 2020ko martxotik egon da kabinetean. Aurrena, Behin-behinean Okupatutako Lurraldeak Lehengoratzeko Ministerioko lehen ministrordea eta ministroa izan zen, eta, 2021eko azarotik, Defentsa ministroa izan da.
Eta gerrari berari dagokionez, Errusiako indarrek bigarren egunez jarraian bonbardatu dituzte Ukraina ekialdeko portuak. Atzo goizaldean, Renikoari eraso zioten, eta gaur, Izmailgoari; 40 bat kilometroko distantzia dago bien artean. Bi portu horietatik abiatuta, zerealak esportatu ohi ditu Ukrainak. Moskuk atzo argitu zuen Ukrainako armadaren erregai biltegiak zituela helburu erasoak.
Danubio ibaiaren bidez, Errumaniarekin muga egiten dute bai Renik, baita Izmailek ere, eta, Ukrainako Atzerri ministro Oleg Nikolenkok Facebooken idatzi duenez, droneetako batzuk Errumanian erori eta lehertu dira. NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kidea da Errumania. Hango Defentsa Ministerioak, ordea, Kievek esandakoa gezurtatu du, adierazpen instituzional baten bidez. Ukrinform hedabideak Ukrainako iturri militarrak aipatuz kaleratu duen informazioaren arabera, gaur hamazazpi drone erorarazi dituzte aireko defentsa sistemek; Errusiak jaurtitako beste drone batzuek, ordea, beren helburuak jo dituzte.
Errusiak ugaritu egin ditu portuetako azpiegituren aurkako erasoak, joan den uztailean zerealen garraiorako ituna bertan behera uztea erabaki zuenetik. Moskuk eta Kievek sinatu zuten iazko uztailean, NBE Nazio Batuen Erakundearen eta Turkiaren bitartekaritzarekin. Besteak beste, horri buruz hitz egiteko batzartu dira gaur Sotxin (Errusia), hain zuzen, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea eta Vladimir Putin Errusiakoa. Aurrenekoak aktibatu egin nahi du atzera, eta azken asteetan horretarako lanean aritu da. Batzarraren ondoren egin duten agerraldi bateratuan esan du uste duela laster irtenbide bat topatu ahal izango dutela akordioa, berriro, martxan jartzeko. Hori bai, eskatu dio Kievi «baretu» dezala auzi horretan Errusiarekiko duen jarrera.
Kremlinek indargabetu egin zuen ituna, ordea, iritzita ez direla bere eskariak aintzat hartzen. Izan ere, salatu izan du Mendebaldeak ezarri dizkion zigor ekonomikoek kalte egiten dietela beren nekazaritza esportazioei. Itunari eusteko, neurri horiek kentzea exijitzen du. Eta Putinek hori bera berretsi du, gaur, bileraren ondoren. Akordioari esker, 32 milioi tona labore ale eta ongarri esportatu ahal izan dituzte Itsaso Beltzetik azkeneko urtean.
Hegoafrikak, gezurtatuz
Hegoafrikako Gobernuak agindutako ikerketa independente batek ondorioztatu du ezin dela frogatu Hegoafrikak Errusiari armak eman dizkionik, eta, hala, AEBek Hegoafrikan duten enbaxadoreak joan den maiatzean esandakoa gezurtatu. «Gure herrialdearen kontrako akusazioek kalte egin diote gure monetari, gure ekonomiari eta munduan dugun posizioari», nabarmendu zuen Cyril Ramaphosa Hegoafrikako presidenteak, atzo egindako adierazpen instituzional batean.
Bestalde, Ukrainako gerran giza eskubideak urratzen ote dituzten ikertzeko asmoz NBE Nazio Batuen Erakundeak eratutako misioaren arabera, dokumentatu dituzten «abusuetako asko» gerra krimenak izan daitezke; are, gizateriaren aurkako krimenak, baieztatuak baldin badira. Hori jakinarazi du, gaur, Kieven, batzordearen buru Erik Mosek, misioak Ukrainara egindako hirugarren bidaiaren berri emateko egindako prentsa agerraldian.
Frogatu ahal izan dute berriro ere gerraren testuinguruan izan direla, besteak beste, erailketak, legez kanpoko atxiloketak, torturak eta sexu indarkeria. Hain zuzen, Mosek nabarmendu du gizateriaren kontrako krimentzat har daitezkeela nola militarrei hala zibilei egindako torturak —gertatutakoak NZA Nazioarteko Zigor Auzitegiak ikertzeko modukoak direla adierazi izan du batzordeak—, «okupazio indarrek», hau da, Errusiakoek guda zelaian egindako «izugarrikeriak», baita energia azpiegituren aurka modu sistematikoan egindako erasoak ere.
Mosek —esaterako, Ruandarako Nazioarteko Auzitegiko eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiko magistratua izan zen—, Pablo de Greiff giza eskubideen aldeko ekintzaile kolonbiarrak eta Vrinda Grovr abokatu indiarrak osatu dute batzordea, eta ondorioak NBEren Batzar Nagusian aurkeztuko dituzte, urrian. Iazko otsailean Errusiak Ukraina inbaditu hasi eta gutxira abiatu zuten misioa, eta horren arduradunek gomendatu izan diote Kievi neurriak har ditzala biktimei laguntza ematean erantzuna «bateratzaileagoa» izan dadin.
|
2023-9-4
|
https://www.berria.eus/albisteak/232399/semilla-behin-behinean-legez-kanpo-uzteko-erabakia-bertan-behera-utzi-dute.htm
|
Mundua
|
Semilla behin-behinean legez kanpo uzteko erabakia bertan behera utzi dute
|
Guatemalako presidente hautatuak alderdia berreskuratu du, «estatu kolpe» saiakera bat salatu eta gutxira. Hauteskunde Batzorde Gorenaren aginduak prozesu elektorala amaitu arte iraungo du, urriaren 31ra arte.
|
Semilla behin-behinean legez kanpo uzteko erabakia bertan behera utzi dute. Guatemalako presidente hautatuak alderdia berreskuratu du, «estatu kolpe» saiakera bat salatu eta gutxira. Hauteskunde Batzorde Gorenaren aginduak prozesu elektorala amaitu arte iraungo du, urriaren 31ra arte.
|
Guatemalako hauteskunde orokorren ondorena geroz eta korapilatsuagoa bilakatzen ari da; batez ere, erabaki judizialen ondorioz. Bernardo Arevalo presidente hautatuak «estatu kolpe» saiakera bat salatu eta gutxira, Hauteskunde Batzorde Gorenak atzo jakinarazi zuen bertan behera utzi duela Arevaloren alderdia, Semilla Mugimendua, behin-behinean legez kanpo uzteko erabakia. Eta estatuko hiru botereei —legegileari, exekutiboari eta judizialari— zera eskatu zien: «Hautetsontzietan adierazitako herriaren nahia errespetatzeko». Semilla, hortaz, alderdi politiko bat da oraindik ere.
Hauteskunde Batzorde Goreneko organo batek, Herritarren Erregistroak, joan den aste hasieran hartu zuen Arevaloren indarraren kontrako erabakia, Fredy Orellana epaileak uztailaren 12an emandako agindu judizial bati erantzunez, alderdiak ustez 2017. eta 2018. urteen artean jasotako sinadura faltsuen aferarengatik. Hain justu, iragan abuztu amaieran egindako hauteskunde orokorren emaitzak ontzat jo ostean etorri zen erabaki hori; hauteskunde horietan Arevalok jaso zuen babesik handiena, botoen %60,9 bilduta.
Semillaren hautagaiaren garaipena aldaketa baten lehen pausoa izan da, Guatemalak presidente kontserbadoreak eta eskuindarrak izan baititu 1986an demokrazia ezarri zutenetik. Berritasun horrek kontrako jarrerak eragin ditu sektore batzuetan, eta Arevaloren garaipena deuseztatzeko saiakerak ere bai; kasurako, Sandra Torres presidentegai eskuindarrak oraindik ez duela lehiakidearen garaipena onartu —botoen %39,1 jaso zituen hark—.
Presidente hautatuarentzat —datorren urtarrilaren 14an hartuko du kargu hori—, «justizia bermatu behar duten erakundeetatik estatu kolpe bat» sustatzen ari dira, joan den ostiralean egindako agerraldi batean salatu zuenez. Izen-abizenak ere aipatu zituen: tartean, Consuela Porras fiskal nagusia —hark eskatu zuen Semilla legez kanpo uzteko—, Orellana epailea eta Kongresuko Zuzendaritza Taldea, «beste eragile ustel eta antidemokratikoekin» batera. Arevaloren arabera, horiek guztiek «ordena konstituzionala hautsi» nahi dute, eta horregatik deitu zituen herritarrak manifestazio baketsu bat egitera —iragan larunbatean atera ziren kalera milaka lagun—.
Talde parlamentarioaren afera
Orain, Hauteskunde Batzorde Goreneko bost epaileek harturiko erabakiaren ondorioz, Semillaren behin-behineko legez kanporatzea etenda dago datorren urriaren 31ra arte, hauteskunde prozesua amaitzen den arte. Eta ikusteko dago, gainera, zer gertatuko den alderdiaren Kongresuko diputatuekin ere, talde parlamentarioa osatzea eragotzi baitzieten, eta independente gisa jo baitzituzten. Parlamentuko Zuzendaritza Taldeak Afera Juridikoen Zuzendaritzara bidali du jada kasua, eta, printzipioz, horrek jakinaraziko du zein izan behar den hurrengo pausoa.
Luzera begira, hortaz, ikusteko dago zer gertatuko den Semillaren legez kanporatzearekin; batez ere, urriaren 31tik aurrera. Hauteskunde Batzorde Goreneko epaileek ez zuten iritzirik eman Herritarren Erregistroak harturiko erabakiaz, eta, beraz, horrek agerian utzi du, Guatemalako hainbat analistak hango hedabideetan azaldu dutenez, ez dagoela irizpideei buruzko adostasunik magistratuen artean.
|
2023-9-4
|
https://www.berria.eus/albisteak/232400/kattalin-elizalde-kolegioa-estreinatu-dute-senperen.htm
|
Gizartea
|
Kattalin Elizalde kolegioa estreinatu dute Senperen
|
Ipar Euskal Herriko ikasleek eskola sartzea izan dute egun. Senpereko Kattalina Elizalde kolegio bukatu berriak lehen aldiz harrera egin die ikasleei. Martxan da, beraz, Seaskaren bosgarren kolegioa.
|
Kattalin Elizalde kolegioa estreinatu dute Senperen. Ipar Euskal Herriko ikasleek eskola sartzea izan dute egun. Senpereko Kattalina Elizalde kolegio bukatu berriak lehen aldiz harrera egin die ikasleei. Martxan da, beraz, Seaskaren bosgarren kolegioa.
|
Uda honetan egoitzak zuen itxura ikusita, sinesgaitza zen sartzea gaur eginen zutela sinestea. Alta, hitza ez dute jan, eta Senpere (Lapurdi) aldeko 82 ikasleri harrera egitea lortu dute, iragarritako egunean. Gaur izan dute eskola sartzea Ipar Euskal Herriko ikasleek, eta Kattalin Elizalde kolegioko ikasleentzat berezia izan da: ikastetxea doi-doi finitua da, eta parte handi batean obrek segitzen dute oraindik. Halere, klaseak eman ahal izateko baliabide nahikoa badute, eta jangela ere bai.
Senpereko, Sarako, Azkaineko, Zuraideko, Basusariko, Arrangoitzeko, Ahetzeko, Arbonako (Lapurdi) eta Zugarramurdiko (Nafarroa) ikasleak izanen dira; hain zuzen, Kanboko Xalbador eta Ziburuko Piarres Larzabal kolegioek gainezka egin dute azken urteetan, eta Seaskak beharrezkoa zuen ikastetxe berri bat: bosgarrena izanen da. Seigarren eta bosgarren mailetako ikasleak hartuko dituzte, oraingoz, eta, urtez urte, kolegioko lau mailatako ikasleak hartzera helduko dira.
Iñaki Lekuona kolegioko historia irakasle eta zuzendariak estreinatu du ikastetxea goizean, eta ongietorria eman die gazteei. «Kolegiora ikastera heldu zarete, partikularki euskaraz ikastera. Zuen gurasoek eman dizueten altxorra da hizkuntza, eta zaindu behar duzuena», erran die.
Ikasturtea hasteko, gero, Kattalin Elizalderi buruzko azalpenak izan dituzte ikasleek. Urtero irrikaz itxoiten duten momentua ere heldu da. Banaka deitu dituzte irakasle arduradunek, klaseak osatzeko. Eta urteroko patua arraberritu da: batzuk kontent lagunekin direlako; besteak urduri, lagunak beste gelan izanen baitituzte.
Prestaketa lanak
Armelle Etxenike euskara irakaslea izanen da Senperen, eta iaztik lanean ibili da gainerako irakasleekin batean kolegio berriko proiektua abiatzeko. Harentzat ere sartze «berezia» izan dela aitortu du, «talde berria» baita harentzat. Baina pozik da proiektua gauzatu delako. Ikasle gutirekin baldintza «bikainak» dituela uste du, eta kurtsoak emateko «atseginago» izanen zaio. Gainera, leku berria izanda, behar bezalako baliabideak izanen dituztela erran du. Berritasun horren seinale da, erraterako, kolegio barneko usaina. Tindu usaina dute oraino paretek.
Erraterako, iragan ostiralean bukatu zituzten prestaketa lanak. Ateak ireki baino bi egun lehenago, alegia. Anne Pagola kolegioko gurasoa da, eta bulegoko kidea. «Emeki gauza guziak plantan ezarri ditugu. Guk ere hasieran zalantzak bagenituen, obrak berantago hasi zirelako. Baina fite sinetsi dugu, eta zuzendariaren baikortasunari esker ere gauzak aitzinarazi ditugu». Lekuonak baieztatu du beti gauzak «baikorki» ikusi dituela. «Proiektu hau hasi zenetik baziren dudak eta zalantzak, baina inguruko gurasoek ere horretan sinesten laguntzen dute. Izpiritu kolektibo eta kooperatibo ikaragarria bada Seaskan, eta proiektu honen inguruan, azken 50 urteetan Seaskak erakutsi duen hori berriz ere ikusi dugu».
Kasik dena ongi abiatua bada ere, azken arazo batzuk konpontzeko lanetan ari dira denak. Izan ere, kolegiora iristeko autobusen zerbitzua biziki eskasa dela salatu dute gurasoek. Kasurako, goizean, Azkainetik pasatu beharra zen autobusa ez da pasatu. Arazo hori gelditzen zaie konpontzeko, eta Pagolak eta Lekuonak batez ere gurasoen zailtasunak izan dituzte gogoan.
Yannick Odeau seigarren mailako mutil baten aita da, eta arazo horiek «pixkanaka» konponduko direla uste du. Haren kasua berezia da, gainera, seme gehiena Ziburuko Piarres Larzabal kolegioan baitute —laugarren mailan da, eta Senperen ez da oraino laugarrenik—, eta ume gazteena Sarako ikastolan. Hala eta guztiz ere, uste du Senpereko kolegioan «baldintza onak» izateko adi jarraituko dutela. «Hizkuntza guztietan ikasirik ere inportantea da ez ikasle gehiegi izatea gela bakoitzeko, irakasleak ere baldintza onetan aritu ahal izateko».
Kattalin Elizalde gogoan
Eguna hasteko, ikasleei, Kattalin Elizalderi buruzko klase bat eman diete, «emazte garrantzitsua» izan baita. Izan ere, hari buruzko informazioak urriak izanda ere, haren izena ezarri diote ikastetxeari. Senperekoa zen Elizalde, eta sorgin ehizaren garaian, atxilotu zituzten lehenetarikoa izan zen. Gisa bateko boterea zukeen hark, eta Senpereko gaztelutik Mutrikura (Gipuzkoa) ihes egitea lortu zuen. Pierre de Lancre inkisidoreak agindu zion Gaztela Aragoiko erresumari «Frantziara» itzultzeko sorgina zelakoan. «1609ko euroagindua», nolabait, Lekuonak azaldu duenez.
Historian garrantzia izan duten baina arrunt ezezagunak diren emazteen ohoratzeko keinu bat da, bestalde. «Sinbolo anitz biltzen ditu emazte horrek, eta hura berreskuratzea erabaki dugu, historian zehar desagerraraziak izan diren emazte gehiegi baita», erran du.
|
2023-9-4
|
https://www.berria.eus/albisteak/232401/konbentzio-konstituzionala-espainiako-gorte-nagusietan-planteatzearen-alde-dago-urkullu.htm
|
Politika
|
Konbentzio konstituzionala Espainiako Gorte Nagusietan planteatzearen alde dago Urkullu
|
Zehaztu du Espainiako Gobernua premiatuko duela konbentzioa deitzera. Alderdi politikoek nahiz autonomia erkidegoek parte hartzea «ezinbestekoa» dela dio.
|
Konbentzio konstituzionala Espainiako Gorte Nagusietan planteatzearen alde dago Urkullu. Zehaztu du Espainiako Gobernua premiatuko duela konbentzioa deitzera. Alderdi politikoek nahiz autonomia erkidegoek parte hartzea «ezinbestekoa» dela dio.
|
«Konbentzio konstituzional bat» eskatu zuen joan den astean Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Gaur Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean adierazi du proposamen hori «Espainiako Gorte Nagusietan plantea litekeela». Zehazki, proposatzen duena da premiatzea Espainiako Gobernua konbentzioa deitzera parlamentuko ekinaldi baten bidez.
Ikusi gehiago: Konstituzioaren beste interpretazio bat adostu dadin nahi du Urkulluk
Urkullurentzat «zeharo ezinbestekoa» da alderdi politiko nahiz autonomia erkidego guztiek parte hartzea. «Autonomia erkidego historiko bateko lehendakari gisa, desiragarria litzateke, bide hori hartuz gero, hausnarketa horretan parte hartu ahal izatea; alderdi politikoei ez ezik, logikoa denez, horiei ere bai baitagokie etorkizuneko ibilbidea zehaztea», borobildu du.
Konbentzio konstituzionalean PP nahiz Junts alderdiak «sartzen» direla erran du lehendakariak, eta Alberto Nuñez Feijoori planteatu ziola «konbentzio konstituzionalaren auzia». «Desiragarria litzateke alderdi politiko guztiek parte hartzea, baita PPk ere, jakina; izan ere, konbentzio konstituzional horretatik aterako litzatekeen ondorioetako bat [Espainiako] Konstituzioa erreformatzeko beharra izango balitz, beharrezkoa izango litzateke PPren parte hartzea», zehaztu du.
Izan ere, konbentzio konstituzionalaren bidez estaturik gabeko nazioen etorkizuna izanen dute hizpide; beraz, funtsean, «elkarrizketarako bide bat da». Zehazki, adierazi du planteatzen dela espazio bat non posible den uztartzea «elkarrizketa barea, hausnarketa partekatua eta akordio itundu bat».
Hauteskundeen data
Hauteskundeak ere hizpide izan ditu Urkulluk elkarrizketan. Adierazi du ez duela «ezer baztertzen» horien deialdirako, eta bere helburua dela «legegintzaldiaren azken txanpari ekitea bederatzi hilabeteko ikasturtea balitz bezala». Horrez gain, adierazi du oraindik ez dela garaia zehazteko berriro hautagai izango den ala ez; dena den, «ilusioa osorik» duela erran du.
|
2023-9-4
|
https://www.berria.eus/albisteak/232402/carme-junyent-hizkuntzalari-katalana-hil-da.htm
|
Gizartea
|
Carme Junyent hizkuntzalari katalana hil da
|
Hizkuntza gutxituen ikerketan eta katalanaren aldeko borrokan nabarmendu zen. Atzo hil zen, 68 urterekin.
|
Carme Junyent hizkuntzalari katalana hil da. Hizkuntza gutxituen ikerketan eta katalanaren aldeko borrokan nabarmendu zen. Atzo hil zen, 68 urterekin.
|
Batez ere, hizkuntza gutxituen arloan nabarmendu zen Carme Junyent hizkuntzalari katalana, baina Katalunian bizi diren etorkinen mintzairen arloan eta hizkuntzen antropologian ere lan handia egin zuen. Azken egunera arte borrokatu zuen lengoaia gutxituetako hiztunen eskubideen alde.
Masquefa herrian (Katalunia) jaio zen, 1955an. Filologia ikasi zuen Bartzelonako Unibertsitatean, eta Alemanian zein Estatu Batuetan osatu zuen formakuntza. Etxera itzulita, Afrikako hizkuntzen inguruko doktorego tesia egin zuen, eta, ordutik, bizitza guztia eman zuen hizkuntza gutxituen arloko ikerketan. 1990eko hamarkadan Hizkuntza Mehatxatuen Ikerketarako Taldea sortu zuen beste zenbaitekin batera Bartzelonako Unibertsitatean.
Transmisioa eta eleaniztasuna nabarmentzen zituen hizkuntza gutxituen iraupenerako tresna gisa. Horrela adierazi zion BERRIAri 2011n egindako elkarrizketa batean: «Gezurra da gizarte elebakarrek bizirik irauteko aukera handiagoa dutela eleaniztunek baino. Bunker moduan jokatzen duten gizarteak izan ohi dira ahulenak kanpoko mehatxuak gertatuz gero. Gizarte eleaniztunek, berriz, hobeto eusten diete kanpoko mehatxuei, eta bizirik irautea lortzen dute.». Gainera, hizkuntza politikak «garrantzitsuak» direla uste zuen arren, garbi zuen politikek ez dutela bermatzen hizkuntzen biziraupena: «Ez dut hizkuntzarik ezagutzen hizkuntza politikei esker bizirik irautea lortu duenik. Hizkuntza batek iraungo badu, hiztunek erabiltzen dutelako izango da».
Beste elkarrizketa batean azaldu zuen mintzairak «akabatzen» direla hiztunak beren hizkuntza ez erabiltzeko «estututa». Junyentek azken egunera arte jardun du katalanaren alde borrokan. Katalanez artatua izateko eskubidea defendatu zuen bere bizitzako azken egunetan. Hil ostean argitaratzeko artikulu bat idatzi zuen, Morir-se en català (Katalanez hiltzea). Artikulu horrekin administrazioari gogorarazi nahi zion katalanek eskubidea dutela beren hizkuntza mintzatuz hiltzeko, eta badagoela horretan zer hobetu.
Bere azken egunetan mediku eta erizainekin izandako gorabeherak kontatzen ditu artikuluan. Mediku batek, gaztelaniaz artatua izateko arazorik ote zuen galdetuta, honela erantzun zion: «Nire arazoa da bizitza osoan borrokatu naizela jendea katalanez hil ahal izateko. Orain, niri egokitu zaidanean, kontsekuentea izan behar dut». Gainera, nabarmendu zuen ezin garrantzitsuagoa dela hizkuntza medikuntzan: «Nire ustez, medikuntzako profesionalek, eta bereziki haien hezitzaileek, argi izan beharko lukete hizkuntza tratamenduaren parte dela. Jakina, Estatu Batuetan eta Alemanian hitz eginez gero, ez dugu espero katalanez artatuko gaituztenik. Baina gure etxean espero dezakegun gutxienekoa da».
|
2023-9-4
|
https://www.berria.eus/albisteak/232403/herrialdeka-bi-domina-euskal-sokatiralarientzat.htm
|
Kirola
|
Herrialdeka, bi domina euskal sokatiralarientzat
|
Amaitu da Surseen Lur Gaineko Munduko Sokatira Txapelketa, azken urteotako jendetsuena. Euskal selekzioak zilarrezko bi domina lortu ditu; azkena, igandean, 580 kilotako mistoan.
|
Herrialdeka, bi domina euskal sokatiralarientzat. Amaitu da Surseen Lur Gaineko Munduko Sokatira Txapelketa, azken urteotako jendetsuena. Euskal selekzioak zilarrezko bi domina lortu ditu; azkena, igandean, 580 kilotako mistoan.
|
Ez da Lur Gaineko Munduko Txapelketarik onena herrialdekoa euskal sokatiralariena. Urrearen pauso bakarrera geratu ziren larunbatean gizonezkoen pisu txikian (560 kilo), eta igandean kategoria mistoan. 23 urtez azpiko neskak podiumaren pauso bakarrera geratu ziren, baina Ingalaterrak irabazi zien hirugarren posturako lehia. Beraz, herrialde arteko txapelketan zilarrezko bi domina eskuratu ditu euskal selekzioak. Taldeen artekoan, berriz, lau domina osotara, zilarrezko eta brontzezko bina, Gaztedik eta Goiherri-Abadiñok lortuta.
Bi herrialde gailendu dira aurtengo txapelketan: Taiwan emakumezkoen mailan eta Suitza gizonezkoetan. Etxekoek antolakuntzan egindako lanaren uzta jaso dute. Taldeen arteko txapelketan etxeko 26 talde aritu ziren, eta herrialdeen artekoan talde bakoitzeko sokatiralaririk onenekin eratu zuten selekzioa. Aurten besteak baino koska bat gorago egon dira suitzarrak, lan handia egin duten seinale. Harmailen babesa ere izan dute. Larunbatean eta igandean 6.000 zaletik gora bertaratu ziren. Giro bikaina sortzeaz gain, etxeko taldeen motibazioa zein epaileekiko presioa eragin dute harmailen oihu eta joareen burrunbak. Sokatiraren meka da Suitza, erreferentzia kirol mailan zein zaleen artean. Euskal sokatirak badu non begiratu.
Chinese Taipei izenpean lehiatzen den Taiwango taldea erreferentzia da goma gainean. Urte gutxi daramatzate lur gainean, eta jada nagusi dira emakumezkoen kategoria guztietan. Suitzako talderik indartsuenei urrea kentzea lortu dute txapelketan izan diren tiraldirik gogorrenetan. Urte luzez euskal sokatira izan da haien erreferentzia, asko ikasi dute, eta abegi handia diote Euskal Herriko sokatirari.
Beste herrialde indartsu batzuk saririk gabe geratu dira; Irlanda, Ingalaterra, Eskozia, Ipar Irlanda, Herbehereak eta Alemania esku hutsik itzuli dira etxera. Kategoria mistoan Suedia gailendu da. Euskal selekzioaren aurka irabazi zuen finala igandean, nagusitasunez.
Zapore gazi-gozoa
Euskal selekzioak pisu txikietara egin zuen apustu, ezinezkoa baita maila guztietan ehuneko ehun lehiatzea. Lau eguneko nekeak eragin handia dauka, eta sokatiralari batzuek aitortu dute azken urteotako pasadarik handiena hartu dutela. Azken tiraldietan eskuetako zauriak esparatrapuz babestuta lehiatu behar izan dira asko. Eskuetako mina mahukarekin babesteagatik arau haustea adierazi zion epaileak Jose Antonio Goirigolzarri Orue Litri-ri (Gatika, Bizkaia, 1960). Euskal ordezkaritzako beteranoena da Gaztedikoa; 63 urte dituela lehiatu da Suitzan, eta zilarrezko hiru domina ekarri ditu etxera. Euskal eta nazioarteko sokatiraren erreferentzia maitatua da bizkaitarra. Duela ia 50 urte hasi zen sokatiran, eta munduko txapelketetan 1988tik ari da. Urrezko domina gertu izan duen arren, txapelketa ongi baloratu du: «Beti nahi dugu gehiago, baina munduko txapelketa batean zilarra lortzea oso zaila da». Hala ere, zapore gazi-gozoa utzi die emaitzak sokatiralari askori. Sakrifizio handia dakar munduko txapelketa prestatzeak; entrenamendu asko eta oso gogorrak, pisua galdu beharraren komeriak, dirua… eta urrearen pauso bakarrera geratu dira.
Hala ere, Litriren esanetan «zaila» punta-puntan egotea:«Euskal Herrian hiru talde baino ez gara aritzen lur gainean. Etxeko txapelketek ez digute balio nazioartean dagoen mailari neurria hartzeko, eta ezjakintasunez goaz beti munduko txapelketetara. Maila honetan jarraitu nahi badugu sokatirari bultzada eman behar diogu Euskal Herrian. Talde gehiago behar ditugu, eta gazte gehiago», dio sokatiralari beteranoak. «Erreleboa behar da, gu laguntzeko prest gaude, baina gazteak batzen ez badira, akabo», gaineratu du. Balio beza Suitzako irakaspenak sokatiralari beteranoaren aldarriari heltzeko.
|
2023-9-4
|
https://www.berria.eus/albisteak/232404/euskara-ikasteko-laquobidelagunaraquo-izango-dela-adierazi-du-aek-k.htm
|
Gizartea
|
Euskara ikasteko «bidelaguna» izango dela adierazi du AEK-k
|
2023-2024ko ikasturterako matrikulazioa zabaldu du AEK-k. Azaldu dutenez, 16 eta 18 urte bitartekoentzat C1 maila prestatzeko diru laguntza berri bat egongo da aurten.
|
Euskara ikasteko «bidelaguna» izango dela adierazi du AEK-k. 2023-2024ko ikasturterako matrikulazioa zabaldu du AEK-k. Azaldu dutenez, 16 eta 18 urte bitartekoentzat C1 maila prestatzeko diru laguntza berri bat egongo da aurten.
|
AEK-k martxan jarri du 2023-2024ko ikasturterako matrikulazio kanpaina. Agerraldia egin dute gaur Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzan, eta bertan izan da Alizia Iribarren AEK-ko koordinatzaile nagusia, AEK-ko beste hainbat kiderekin batera: «Herritarrei gogorarazi nahi diegu AEKn bidelaguna aurkituko dutela euskara ikasteko». Euskara hurbil, zu urrun heltzeko lelopean, herritarrak gonbidatu dituzte «euskara ikastera, euskara maila hobetzera eta euskara erabiltzen jarraitzera». Jada AEKren edozein euskaltegian eman daiteke izena.
Iribarrenek gogoratu duenez, AEK-k ehun herritan baino gehiagotan ditu euskaltegiak. «Horien bidez, beste hamaika herritara iristen gara, baita euskara ikasi nahi duten enpresetara eta elkarteetara ere», gehitu du. Bilboko euskaltegiak izan ditu hizpide. Izan ere, Bizkaiko hiriburuan zazpi euskaltegi dituzte eta Zazpikaleetan dagoen Lizardi AEKren egoitzak 40 urte beteko ditu aurten. «Izango duzue horren berri ikasturtean zehar».
Euskara ikasteko aukera ugari eskainiko dituzte; besteak beste, aurrez aurreko taldeak, autoikaskuntza eta eredu konbinatua (aurrez aurreko eskolak eta lan ez presentziala uztartzen dituen sistemak). Online ikastaroak ere egongo dira: «Horien bidez, herritarra dagoen txokoraino heltzen gara». Kolektibo zehatzei begirako xedearen araberako eskaintza ere egongo da. Eta Foruko barnetegia (Bizkaia) urte osoan zehar egongo da zabalik. Aukera guztietan, irakasleak «bidelagun» izango direla nabarmendu du koordinatzaile nagusiak: «Irakasleok zuen ondoan gaude; daukagun onena eskainiko dizuegu zuek euskaraz ikasteko».
Azken ikasturteek erakutsi dute euskaltegien lana «bizi-bizirik» dagoela, Iribarrenek esan duenez. «Euskara ikasi eta hobetu nahi duten herritarren gogoak hortxe dirau». Gaur egun, 12.000 ikasle ditu AEK-k. Eta «zinez» espero dute ikasturte honetan herritar gehiago hurbiltzea. «Ikasleen eta irakasleen ahaleginari esker euskalduntze prozesuan aurrera egin dugu». Iribarrenek herritarrei gogoratu die ikasleek Aizu! aldizkaria jasoko dutela doan hilabetero, eta hainbat aukera eta deskontu izango dituztela.
Diru laguntza gehiago
Iribarrenek azpimarratu du erakundeek, udalek, aldundiek, mankomunitateek eta administrazio nagusiek diru laguntzak eman dituztela. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, B2 mailara arteko prozesua doakoa da, maila euskaltegian nahiz deialdi ofizialetan lortuz gero. Iaztik, gainera, 30 urtetik beherakoentzat C1 mailara arteko prozesua doakoa da, maila egiaztatuz gero. Are gehiago, 16 eta 18 urte bitartekoentzat C1 maila prestatzeko diru laguntza berri bat zabaldu da. Nafarroan, bestalde, laguntzak «zertxobait emendatu» dira, eta Iparraldean ere euskara ikasteko «diru saila» ere bada. «Oso garrantzitsua iruditzen zaigu herritarrek aukera horien berri edukitzea, euskarara eta euskaltegietara hurbiltzeko ezinbesteko osagaia direlako».
|
2023-9-4
|
https://www.berria.eus/albisteak/232405/passion-for-knowledge-zientzia-jaialdirako-izena-emateko-epea-zabaldu-dute.htm
|
Bizigiro
|
Passion for Knowledge zientzia jaialdirako izena emateko epea zabaldu dute
|
Urriaren 2tik 7ra, Euskal Herriko zein nazioarteko zientzialariak bilduko dituzte; tartean, zortzi Nobel saridun, azken hamarkadetako aurkikuntzarik garrantzitsuenen berri eman dezaten
|
Passion for Knowledge zientzia jaialdirako izena emateko epea zabaldu dute. Urriaren 2tik 7ra, Euskal Herriko zein nazioarteko zientzialariak bilduko dituzte; tartean, zortzi Nobel saridun, azken hamarkadetako aurkikuntzarik garrantzitsuenen berri eman dezaten
|
Donostia International Physics Center (DIPC) ikerketa guneak antolatzen du Passion for Knowledge (jakiteko grina) jaialdia, eta dagoeneko zabaldu du epea hitzaldiak entzuteko izena emateko.
«Etorkizuneko belaunaldien ongizaterako ezinbestekoa da zientzia», antolatzaileen aburuz, eta ideia hori bultzatzeko egiten dute jaialdia, zientzialarien komunitatearen eta gizartearen arteko arrakalan «zubilana» egiteko asmoz.
Hiru urtetik behin egiten dute, eta horri esker koronabirusak eragindako pandemia saihesteko zoriona eduki dute. Izan ere, aurrekoa, 2019. urtean egin zuten, eta ia 12.000 entzule bildu zituen.
Aurtengoa, urriaren 2tik 7ra egingo dute. Donostian hasi zen jaialdia, eta Viktoria Eugenia antzokia izango da, aurten ere, agertoki nagusia. Baina aurreko saioetan harturiko joerari jarraiki, beste hainbat lekutara zabalduko dituzte ekitaldiak, besteak beste Bilboko Euskalduna jauregira.
Zortzi Nobel saridun
Antolatzaileek azken hamarkadetako aurkikuntzarik garrantzitsuenetako protagonistak gonbidatzen dituzte, euren lanaren berri eman dezaten. Nobel saridunak izan ohi dira tartean, eta, aurten, horietako zortzi entzuteko aukera egongo da.
Hizlarien artean daude Jocelyn Bell Burnell astrofisikaria, Jean-Marie Lehn kimikaria (kimika Nobel sariduna 1987an). Pil-pilean dauden gaiak jorratuko dituzte. Esaterako, teknologia kuantikoen inguruan mintzatuko da Innsbruckeko Francesca Ferlaino ikertzailea (Feltrinelli saria jaso zuen 2017an).
Baina fisikaz eta kimikaz harago joan nahi du jaialdiak. Irulegiko Eskuaren aurkikuntzako protagonistetako bat, Joaquin Gorrotxategi EHUko irakaslea, mintzatuko da.
Hitzaldiez gain, jakintzarekin loturiko beste hainbat ekitaldi egingo dituzte: esaterako, erakusketak, haurrentzako tailerrak, eta topaketak bigarren hezkuntzako ikasleekin.
Gonbidatu zerrenda osoa eta egitarau xehatua ikusteko, eta izena emateko webgune bat eratu dute: p4k.dipc.org.
|
2023-9-4
|
https://www.berria.eus/albisteak/232406/inbertsio-funtsek-kontrolatuko-dute-celsa-epailearen-oniritziarekin.htm
|
Ekonomia
|
Inbertsio funtsek kontrolatuko dute Celsa, epailearen oniritziarekin
|
Epaileak jabe berriei agindu die lanpostuei eta erabaki zentroei eutsi behar dietela. Altzairutegiak hiru lantoki eta 650 langile ditu Euskal Herrian.
|
Inbertsio funtsek kontrolatuko dute Celsa, epailearen oniritziarekin. Epaileak jabe berriei agindu die lanpostuei eta erabaki zentroei eutsi behar dietela. Altzairutegiak hiru lantoki eta 650 langile ditu Euskal Herrian.
|
Inbertsio funts eta bankuek Rubiralta familiaren aurkako epaiketa irabazi dute, eta haiek hartuko dute Celsa altzairu multinazionalaren kontrola. Bartzelonako merkataritza arloko epaitegiko 2. salak ebatzi du Celsaren zordun diren banku eta inbertso funtsek haien zorraren zati handi bat akzio bilakatu dezaketela, eta, horrenbestez, enpresaren akziodun nagusi bilakatuko dira. Deutsche Bank bankua eta Goldman Sachs, Anchorage eta Capital Group funtsak dira besteak beste zordun horiek, eta erabaki hori da haien bideragarritasun planaren oinarria. Orain, enpresaren berregituraketa prozesua hasiko dute, eta epaileak «lanpostuei» eta «erabakiguneei» eustera behartu ditu, tartean Euskal Herriko hiru plantak.
Celsa 7.000 langileko enpresa multinazional bat da, eta 650ek Euskal Herriko hiru altzairutegietan dihardute: 329k, Nervaceron (Trapagaran, Bizkaia); 98k, Celsa Atlanticen (Gasteiz) —lehen Laminaciones Arregui zen—; eta 200ek, Celsa Francen (Bokale, Lapurdi). Azken hori da hiruetan oparoena; izan ere, Celsaren datuen arabera, fakturazioaren %9k Bokaleko plantan du jatorria, eta Baionako portuko zama mugimenduaren %40k altzairutegiarekin du zerikusia. Hiruretan ezegonkorrena, aldiz, Gasteizkoa da: 300 langile zituen 2012an.
Azken asteak urduriak izan dira hiru lantokietan, eta korapiloa gaur argitu da: enpresak jabe berriak izango ditu. Celsak 3.500 milioi euroko zorra du pilatua, eta 2020az geroztik ordaintzeke utzi ditu zorraren hainbat epe. Egoera ikusita, epaileak zor hori kapitalizatzeko eskubidea eman die banku eta funtsei. Baina nola? Zor horren zati bat, 1.300 milioi euro inguru, akzio bihurtzeko eskubidea eman die, eta trukean beste zati handi bat amortizatuko dute, horrela enpresaren egoera arinduz. Trukean enpresaren kontrola hartuko dute, akziodunen gehiengoa izango dutelako.
Operazioaren galtzaile handia Rubiralta familia da, enpresaren aurreko jabea, eta hein handi batean enpresaren egoera ekonomiko txarraren erantzulea. Funtsek berregituraketa planta aurkeztu zutenean, helegitea jarri zuten, kontrola gal baitzezaketen, eta ekainean egin zen epaiketa, Bartzelonan. Rubiraltarren argudioa zen funts horiek oso merke erosi zutela zorra, eta gehiago ordaindu behar zutela —enpresak 6.000 milioi euroko balioa duela esan zuten epaitegian—. Eta argudio hori egia zen, Celsak hasieran zorra Espainiako hainbat bankurekin pilatu zuelako eta haiek, bideragarritasuna ezinezkoa zela iritzita, oso merke saldu zietelako 2017an putre funtsei.
Bideragarritasunaren erronka
Funts eta bankuek altzairutegia putzutik ateratzeko erronka dute orain. Zorra asko murriztu ondoren, falta diren 925 milioi euroak ordaintzeko epeak luzatuko dituzte. Xehetasunak Bartzelonako bideragarritasun planean daude, epaitegian aurkeztu zuten planen, hain zuzen. Alvaro Lobato epailearen arabera, funtsen eskaintza zen «aukera bideragarri bakarra», eta agindua eman die jabe berriei: «Beren konpromisoak zorrotz bete behar dituzte, konpainiaren balioa zainduz eta handituz, enpresaren osotasunari eutsiz, lanpostuak mantenduz, eta hori guztia ekonomia osoarentzat hain garrantzitsuak diren erabakigune estrategikoak aldatu gabe».
Horrelako aginduak ohikoak izaten dira: gero etortzen dira bideragarritasuna egia bihurtzeko hartu beharreko erabakiak. Oraingoz, funtsek jakinarazi dute ez dutela erabiliko Espainiako Gobernuak iaz eskainitako 550 milioi euroren erreskatea. SEPIk —Espainiako Industria Partaidetzarako Sozietatea— inoiz eskainitako erreskate handiena izan zen, eta enpresaren erabakigunean Espainian mantentzeko aingura bat. Eusko Jaurlaritzak ere nahiago zuen Rubiralta familiak agintea ez galtzea, behintzat horrela ondorioztatu daiteke Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen sailburua haiek deituriko azken akziodunen azken batzarrera joan zenetik. Kutxabank, berriz, uztailean irten zen enpresaren kontrola hartu nahi zuten zordunen taldetik.
|
2023-9-4
|
https://www.berria.eus/albisteak/232407/bilbobusen-autobus-bati-bultzaka-azpian-harrapatuta-geratu-den-pertsona-bat-ateratzeko.htm
|
Gizartea
|
Bilbobusen autobus bati bultzaka, azpian harrapatuta geratu den pertsona bat ateratzeko
|
Pertsona bat Bilbobusen autobus baten azpian harrapatuta geratu da, eta han zeudenek autobusari bultza egin diote hura handik atera ahal izateko.
|
Bilbobusen autobus bati bultzaka, azpian harrapatuta geratu den pertsona bat ateratzeko. Pertsona bat Bilbobusen autobus baten azpian harrapatuta geratu da, eta han zeudenek autobusari bultza egin diote hura handik atera ahal izateko.
|
Trafiko istripu bat izan da gaur Bilbon, Areatzan. Bilbobusen autobus batek pertsona bat harrapatu du, eta pertsona hori autobus azpian geratu da, ezin atera. Hori ikusirik, han zeudenek zalantzarik ez dute izan, eta berehala hasi dira autobusari bultzaka, azpian zegoena handik ateratzeko.
Istripua 14:00ak jotzear zirenean gertatu da. Haren lekuko izan da Asier Barrenetxea kazetaria. Inguruko eraikin batean zegoen, eta leihora heldu denean ikusi ditu herritarrak bultzaka.
Barrenetxeak BERRIAri azaldu dionez, bi anbulantzia joan dira pertsona hori artatzera. Horietako bat anbulantzia medikalizatu bat zen, baina, azkenean, anbulantzia arruntean eraman dute hura autobus azpitik ateratzea lortu dutenean.
Larrialdi zerbitzuetako langileak, autobusaren azpian harrapatuta geratu den pertsona artatzen. / Asier Barrenetxea
|
2023-9-4
|
https://www.berria.eus/albisteak/232408/altsasun-ez-dute-aurten-ospa-eguna-antolatuko.htm
|
Politika
|
Altsasun ez dute aurten Ospa Eguna antolatuko
|
Antolatzaileek ohar batean adierazi dute desmilitarizazioaren aldeko aldarriari eutsiko diotela, «erabateko gaurkotasuna» duelakoan
|
Altsasun ez dute aurten Ospa Eguna antolatuko. Antolatzaileek ohar batean adierazi dute desmilitarizazioaren aldeko aldarriari eutsiko diotela, «erabateko gaurkotasuna» duelakoan
|
Sare sozialetan iragarri dute: aurten ez dute Ospa Eguna antolatuko. Urteroko ohiturari jarraikiz, iraileko lehen astean egitekoa zen egitasmoa Altsasun (Nafarroa), baina antolatzaileek ohar batean adierazi dutenez, bertan behera utzi dute. Ez dute argitu erabakiak aurtengo aldiari soilik eraginen dion edo etena behin betikoa izanen den.
Hamar urte luze igaro dira Altsasun lehen Ospa Eguna egin zutenetik. «Umorea, kritika politika eta festa» uztartu nahi izan zituzten antolatzaieek, «desmilitarizazioaren aldarria lau haizetara zabaltzeko». Ordutik, baina, Espainiako Auzitegi Nazionalak eta indar polizialek jomugan izan dute egitasmoa: «Hamaika auzi eta polizia operazio abian jarri zituzten antolatzaileen auka, eta indar erakustaldi bortitzena, zalantzarik gabe, Altsasu auzia deiturikoa [izan zen]», azaldu dute oharrean.
Eginiko ibilbideaz harro azaldu dira Ospa Egunaren antolatzaileak. «Altsasun eta Euskal Herri osoan alde hemendik aldarria agendan kokatu duen eguna izan da Ospa Eguna, erreferentzia handikoa, alegia».
Hain zuzen, egitasmoa bertan behera utziagatik, antolatzaileek ez diete hasierako helburuei uko egin, desmilitarizazioarena «gaurkotasun osoa duen aldarria» dela sinetsita: «Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea ukatua eta zapaldua dirauen bitartean, indar okupatzaileak gure artean izanen ditugu, beraz, orain inoiz baino gehiago, gure herritik alde egitera gonbidatzen ditugu, herri bezala burujabetzara salto eginez».
Debeku hotsak, eskuinetik
Azken urteetan, ozendu egin dira Altsasuko Ospa Eguna debekatzeko eskatzen duten hotsak. Iaz, esate baterako, «mehatxuak, jazarpena eta ilegalizazio saioak» salatu zituzten antolatzaileek. Izan ere, Espainiako alderdi eskuindarrak polemika pizten saiatu ziren manifestazioaren aurreko egunetan. Ekitaldia debekatzeko eskatu zuten PPk eta VOXek. Ciudadanoseko 30 bat lagunek, bestalde, elkarretaratzea egin zuten Altsasuko kuartelaren atarian, Eskerrik asko mezua zuen pankarta eskutan.
UPNk ere gogor kritikatu du Ospa Eguna, eta hura debekatzeko xedez, legea aldatzeko eskatu du behin baino gehiagotan, horrelakoak «gorroto» eta «irain» ekitaldiak direlakoan.
|
2023-9-4
|
https://www.berria.eus/albisteak/232409/jasangarritasuna-ardatz-hartuta-egin-nahi-du-bidea-neikerrek.htm
|
Ekonomia
|
Jasangarritasuna ardatz hartuta egin nahi du bidea Neikerrek
|
Ekitaldia egin dute ikerketa eta garapen zentroaren 25. urteurrena ospatzeko. Elikadura jasangarria eta klima aldaketa ditu etorkizuneko erronka nagusiak.
|
Jasangarritasuna ardatz hartuta egin nahi du bidea Neikerrek. Ekitaldia egin dute ikerketa eta garapen zentroaren 25. urteurrena ospatzeko. Elikadura jasangarria eta klima aldaketa ditu etorkizuneko erronka nagusiak.
|
Mende laurdeneko bidea egin du jada Neiker ikerketa eta garapeneko zentroak, eta urteurrena ospatzeko ekitaldia egin dute gaur Arkautiko egoitzan (Araba). Nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza alorretan aritzen da erakundea, sektorea berritzen eta garatzen laguntzeko helburuarekin. Ekitaldian izan dira, besteak beste, zenbait agintari eta nekazaritzako elikagaien sektoreko eragile eta ordezkari.
Duela 25 urte jarri zituzten erakundearen oinarriak, lehen sektoreak aurrez aurre dituen erronkei ikerketaren eta berrikuntzaren bidez aterabideak eskaintzeko. Leire Barañanos Neikerreko zuzendari nagusiak adierazi duenez, «begirada luzera begira jarrita» egin du gaur arteko bidea erakundeak, eta sektorearen «lankidetzari» esker lortu du erreferentzia izatea.
Aurrera begira ere bide horretan jarraitu nahi du zentroak, jasangarritasuna ardatz hartuta. Bada, hiru lan ildo nabarmendu ditu zuzendariak: elikadura jasangarria lortzeko bidean lan egitea, klima aldaketak lehen sektorean izan ditzakeen ondorioei aurre hartzea, eta behar berriek eskatzen dituzten soluzio teknologikoak garatzea.
Izan ere, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ohartarazi duenez, elikadura izango da datozen hamarkadetan gizarteak izango duen «erronka nagusietako bat». Sektoreak«aldaketa sakonak» izango dituela adierazi du, eta azpimarratu Neikerren ekarpena «ezinbestekoa» izango dela aldaketa horiei guztiei aurre egiteko: «Funtsezkoa da sektorea soluzioaren parte izatea. Eta izaten ari da. Neikerren aurrerapenei esker, sektorea eraginkorragoa eta iraunkorragoa izango da».
|
2023-9-5
|
https://www.berria.eus/albisteak/232430/bikotekidea-zauritu-duen-gizon-bat-preso-sartu-dute.htm
|
Gizartea
|
Bikotekidea zauritu duen gizon bat preso sartu dute
|
Erasoa irailaren 1an gertatu zen Kanbon, gizonak andreari labana batekin eraso egin zion, eta larriki zauritu. Atzo epaitu zuten Baionan, eta hamar hilabeteko kartzela zigorra ezarri.
|
Bikotekidea zauritu duen gizon bat preso sartu dute. Erasoa irailaren 1an gertatu zen Kanbon, gizonak andreari labana batekin eraso egin zion, eta larriki zauritu. Atzo epaitu zuten Baionan, eta hamar hilabeteko kartzela zigorra ezarri.
|
Bikotearen Kanboko etxebizitzan gertatu zen erasoa, iragan larunbatean. Gizonak andreari labana batekin eraso egin zion, eta belaunean eta eskuan larriki zauritu zuen. Frantziako Polizia erasoa gertatu eta gero sartu zen etxebizitzara, eta gizona atxilotu zuten berehala. Andreak auzoen etxebizitzan babestu zuen bere burua. Atzo epaitu zuten gizona Baionako auzitegian.
Epaileak prokuradorearen eskariarekin bat egin zuen. Hamar hilabeteko presondegi zigorrera kondenatu du gizona, eta, gainera, bost urtez ezingo da Frantziako Estatuan egon —Ingalaterrakoa da gizona—. Arma bat eramatea ere debekatua izanen du denbora tarte horretan. Epaileak erran duenez, presondegi zigorraren ondotik «Frantziatik kanporatuko» dute.
Erasoa salatu eta indarkeria matxistaren kontra egiteko, elkarretaratzea eginen dute arratsalde honetan, Kanbon, 18:30ean herriko etxe aitzinean.
|
2023-9-5
|
https://www.berria.eus/albisteak/232431/noemi-ostolaza-izendatu-dute-eusko-jaurlaritzako-biktimen-eta-giza-eskubideen-zuzendari.htm
|
Politika
|
Noemi Ostolaza izendatu dute Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendari
|
Gobernu Kontseiluko bileran onartu dute. Monika Hernando ordezkatuko du.
|
Noemi Ostolaza izendatu dute Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendari. Gobernu Kontseiluko bileran onartu dute. Monika Hernando ordezkatuko du.
|
Eusko Jaurlaritzak gaur onartu du Noemi Ostolaza Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren zuzendari berri gisa. Joan den ostiralean iragarri zuten Monika Hernandok ez zuela karguan jarraituko. Ostolaza (Orio, Gipuzkoa, 1974) pedagogia lizentziaduna da, eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko kabineteko zuzendaria izan da orain arte. Gainera, maiatzeko hauteskundeetan, Orioko EAJren alkategai aurkeztu zen, eta, ordutik, herriko zinegotzia da.
Lehen ere izan zen zinegotzia Ostolaza, 2003 eta 2015 bitartean. Beste kargu publiko batzuetan ere jardun du: Jaurlaritzan Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailean aholkulari aritua da, eta Gipuzkoako Foru Aldundian ere jardun du aholkulari.
EAEko Aldizkari Ofizialean Irailaren 1ean argitaratu zuten aurreko zuzendari Monika Hernandoren kargu uztea. Hamar urtez izan du zuzendaritzaren ardura, eta, orain, Bilboko Udaleko Berdintasun, Bizikidetza, Lankidetza eta Immigrazio Zuzendaritzan arituko da.
|
2023-9-7
|
https://www.berria.eus/albisteak/232432/errepresioa-amaitzeko-eta-amnistia-lege-bat-onartzeko-eskatu-du-puigdemontek-sanchezen-inbestidura-negoziatzeko.htm
|
Mundua
|
Errepresioa amaitzeko eta amnistia lege bat onartzeko eskatu du Puigdemontek, Sanchezen inbestidura negoziatzeko
|
PSOErekin akordiorik izanez gero, horrek «historikoa» izan behar duela esan du Kataluniako Generalitateko presidente ohi erbesteratuak. Moncloak erantzun du «antipodetan» daudela, baina haren hitzak txalotu ditu Aragonesek: «koordinatzen bagara, indar handiagoa izango dugu».
|
Errepresioa amaitzeko eta amnistia lege bat onartzeko eskatu du Puigdemontek, Sanchezen inbestidura negoziatzeko. PSOErekin akordiorik izanez gero, horrek «historikoa» izan behar duela esan du Kataluniako Generalitateko presidente ohi erbesteratuak. Moncloak erantzun du «antipodetan» daudela, baina haren hitzak txalotu ditu Aragonesek: «koordinatzen bagara, indar handiagoa izango dugu».
|
Txalo artean sartu da Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidente ohi eta politikari independentista erbesteratua Bruselako Thon hoteleko aretoan. Espainiako Gorteetarako iragan uztaileko bozen ondoren, Puigdemontek azken hilabeteetan galdu duen protagonismoa eta garrantzia berreskuratu du; batez ere, haren iritziz, «Espainia dilema baten aurrean» dagoelako, «oraindik ere konpondu» ez dena: blokeoa edo ituna. Eta jokaleku horretarako prest dago JxC Junts per Catalunyaren buruzagia; hori argi utzi nahi izan du gaurko agerraldian. Bere jarrera jakinarazi du, eta, batez ere, Pedro Sanchezen inbestidurari buruzko negoziazioak hasteko «aurrebaldintzak»: Kataluniako independentismoaren «zilegitasun demokratikoa aitortzea», independentisten kontrako «bide judiziala amaitzea», amnistia lege bat onartzea eta hitzarturikoa betetzen dela gainbegiratzeko eta bitartekaritza lanerako mekanismo bat finkatzea.
Generalitateko presidente ohia argi mintzatu zaio Sanchezi bere alderdiak duen eraginaz Espainiako gobernabidean. «Edo hauteskundek berriro egiten dira, edo [PSOE] zilegitasuna duen eta alde bakarreko bideari uko egiten ez dion alderdi batekin ados jartzen da». Puigdemontek esan du bi aukera horietarako prest daudela, baina, halere, azaldu du orain negoziazioak lehenetsiko dituela. Eta, horretarako, «argi identifikatu behar» dira zeintzuk diren «gatazkaren elementuak». Horietako batzuk zerrendatu ditu: «Katalunia nazio bat» dela, akordioak ez direla bete, eta «155. artikulua aplikatzea», kasurako.
Lau aurrebaldintzaz mintzatu da JxCren burua, baina baita horiekin lotura duen beste afera batez ere. Puigdemontek uste baitu amnistia, esaterako, ez dela bidearen amaiera, Sanchezen inbestidura negoziatzeko exijentzia bat baizik, eta, batez ere, bide horren hasiera bera. Eta nora joan beharko luke bide horrek? Generalitateko presidente ohiaren ustetan, «autodeterminazio erreferendum batera», ez dagoelakoan «errezeta autonomikorik» Kataluniaren arazoak konpontzeko.
Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteorde eta Sumar alderdiaren buruzagi Yolanda Diazekin batzartu eta hurrengo egunean egin du agerraldia Puigdemontek; atzoko hitzordu horretan, bi politikariek adostu zuten «gatazka politikoa desblokeatu ahal izateko irtenbide demokratiko guztiak aztertzea». Baina oraindik ere ez dute hasi, ofizialki behintzat, Sanchezen inbestidurari buruzko negoziaziorik; Generalitateko presidente ohiak gaur azaldu duenez, bi aldeen artean badelako «mesfidantza».
Edonola ere, hitz egiteko prest dago Puigdemont, baina zehaztu du ez dutela negoziatuko Espainiako legealdia «salbatzeko»: «Urte hauetan guztietan ez diogu jarrerari eutsi horretarako». Eta beste ohartarazpen bat: PSOErekin akordiorik izanez gero, horrek «historikoa» izan beharko du.
Adierazpen horiekin azaldu du bere jarrera JxCren buruzagiak, eta azaldu du aurrebaldintzak bete arte ez dela Sanchezen inbestiduraren inguruko negoziaziorik egongo, gaur egun ez dagoelako akordio baterako aukerarik, Kataluniako independentistei «jazarri» zaizkiela eta independentistak «kriminalizatu» dituztela argudiatu baitu.
Moncloaren erreakzioa, behintzat, ez da erabat positiboa izan JxCrentzat. Isabel Rodriguez gobernuko jarduneko bozeramaile eta jarduneko Lurralde Politika ministroak esan du bi jarrerak «antipodetan» daudela, eta Ministroen Kontseiluaren osteko prentsaurrekoa baliatu du PSOEren «esparrua» zein den oroitarazteko: «Tresna bat dugu, elkarrizketa; esparru bat dugu, konstituzioa; eta helburu bat dugu, elkarbizitza. Gaur inork ezin du ukatu Kataluniako egoera duela bost urte baino hobea dela. Eztabaidaezina da».
PPrentzat, «onartezinak eta ezinezkoak»
Puigdemonten eta Diazen atzoko bilkura horri buruz gaur ere aritu da PP Alderdi Popularraren hautagai Alberto Nuñez Feijoo —hilaren 26an eta 27an egingo dute haren inbestidura saioa Espainiako Kongresuan, baina badirudi huts egingo duela—, asteotako tonua mantenduta, eta esan du Sanchez «anomalia demokratiko baten konplize» izango dela ez badu jarduneko presidenteordea kargugabetzen. Voxeko Santiago Abascalekin batzartu ostean, gainera, adierazi du Generalitateko presidente ohiaren aurrebaldintzak «onartezinak eta ezinezkoak» direla. Hain onartezinak, non JxCrekin elkartzea eta eztabaidatzea «erabat alferrikakoa» dela uste baitu; ordu gutxira iragarri du ez dagoela «bi aldeak biltzeko beharrik».
Eta PSOEn bertan ere, Felipe Gonzalez Espainiako Gobernuko presidente ohia ere gogor mintzatu da, Onda Cero irratian, amnistiaren eta autodeterminazio eskubidearen kontra, horiek tokirik ez dutelakoan Espainiako Konstituzioan. Puigdemontek, ordea, kontrako iritzia du, uste baitu horiek ez doazela ez Espainiako Konstituzioaren eta ez Europako Batasuneko hitzarmenen kontra. «Borondate politikoaren araberakoak dira», gaurko agerraldian adierazi duenez.
Kataluniako indar independentisten artean, ordea, bestelako erreakzioak izan zituen Puigdemonten agerraldiak. Sanchezen inbestidurarako antzeko eskariak ditu ERC Esquerra Republicanak. Asteotan hainbatetan errepikatu du hori, eta gaur ere Teresa Jorda Espainiako Kongresuko diputatu eta inbestidurarako negoziatzaileak esan du amnistia «marra gorri bat» dela: «[Puigdemontek] Politika egiten hasteko eta negoziatzeko esparrua finkatu du».
Aldiz, CUPek «eszeptizismo» handiagoa du Generalitateko presidente ohiaren aurrebaldintzei dagokionez. Kataluniako Parlamentuko diputatu Carles Rierarentzat, gaurko agerraldia gatazkako «beste atal bat» da, eta zalantzak ditu emaitzak lortuko ahal dituen. «Erabateko mesfidantza dut», adierazi du Rierak.
Generalitateari dagokionez, Puigdemonten hitzak txalotu zituen Pere Aragones Kataluniako presidenteak, eta pozik agertu zen. Batez ere, JxCk eta gobernuak badutelako ezaugarri komun bat: «Kargua hartu nuenetik egin dut negoziazioaren, amnistiaren eta erreferendumaren alde. Horrekin bat baldin bagatoz eta, gainera, koordinatzen bagara, indar handiagoa izango dugu».
|
2023-9-5
|
https://www.berria.eus/albisteak/232433/freddy-mercuryren-30000-objektu-enkantera-aterako-dituzte-bihartik.htm
|
Bizigiro
|
Freddy Mercuryren 30.000 objektu enkantera aterako dituzte bihartik
|
Tartean daude zenbait abestiren zirriborroak, kontzertuetan erabil zituen jantzi, gitarra eta oinetakoak, eta 1986an, azken biran, Wembley futbol zelaian jantzi zuen koroa. Shoteby's etxeak 1.500 sortatan banatu ditu.
|
Freddy Mercuryren 30.000 objektu enkantera aterako dituzte bihartik. Tartean daude zenbait abestiren zirriborroak, kontzertuetan erabil zituen jantzi, gitarra eta oinetakoak, eta 1986an, azken biran, Wembley futbol zelaian jantzi zuen koroa. Shoteby's etxeak 1.500 sortatan banatu ditu.
|
Gaur duela 77 urte jaio zen Freddy Mercury (Tanzania, 1946-Ingalaterra, 1991), eta, urtemuga hori baliatuz, Londresko Sotheby's enkante etxeak Queen taldeko abeslariaren 30.000 objektu jarriko ditu enkantean bihartik hurrengo asteazkena bitarte: Freddy Mercury, bere mundua izenburupean. 1.500 sortatan banatu ditu, eta tartean daude abeslariaren eta taldearen ikur izan ziren hainbat gauza. Sei enkante egingo dira egun horietan.
Freddy Mercury 1991n hil zen, eta haren gauzak bikotekide ohia izan zuenaren eta Mary Austin lagunaren esku egon dira orain arte. Enkantean aterako dituzte bihartik irailaren 13ra, besteak beste, We are the Champions, Somebody to love", Don´t stop me now eta Bohemian Rhapsody abestieen zirriborroak, Mercuryk kontzertuetan erabiltzen zituen jantziak, gitarrak, 1985ean Live Aid kontzertuan erabili zituen oinetakoak, orduko orbanekin, eta 1986an egin zuen azken biran Wembley futbol zelaian erabili zuen koroa.
Bohemian Rhapsody abestiaren zirriborroei esker jakin da Mongolian Rhapsody izenburua jartzea ere buruan izan zuela Mercuryk, eta fandango, galileo, eta scaramouche hitzak esaten dituen unean, matador eta belladona esatea ere pentsatu zuela. Abesti hori Queenen abestirik ezagunenetako bat da.
Abesti horien zirriborro batzuk British Midlands hegazkin konpainiaren ikurra daramaten orrialde batzuetan idatzita daude. «Ideia bat dutenean eskura dutena hartzen duten pertsona horietako bat zen», azaldu du Cassandra Hattonek, Sotherby's etxeko presidenteordeak.
Bohemian Rhapsody hamabost orrialdetan idatzi zuen, eta horiek milioi bat eta milioi eta erdi dolar bitarteko prezioa izango dute enkantearen hasieran. Salgai merkeagoak ere badaude: Mercuryk bibotea orrazteko erabiltzen zuen Tiffany's etxearen bi zentimetroko orrazi zilarrezko baten hasierako prezioa 900 dolar izango da.
Horiez gain, Mercuryren arte bilduma ere aterako da enkantera. Japoniako artearen zale amorratua zen, eta, horrez gain, mundu osoko artista ezagunen lanak zituen, Pablo Picassoren koadroetatik hasi eta art nouveau estiloko altzarietaraino. Austinek esan du Mercuryren bildumaren zati bat saltzeko garaia dela, «munduak ezagut dezan haren arima bakar eta ederra».
Enkantean irabazitako diruaren zati bat Mercury Phoenix Trust karitate erakundearentzat eta Elton John Hies fundazioarentzat izango da. Freddy Mercury eta Elton John lagunak ziren, biak abeslariak izateaz gain.
|
2023-9-5
|
https://www.berria.eus/albisteak/232434/bizkaitar-batek-pertsona-bat-hil-du-espainian-autoarekin-jende-talde-bat-ustez-apropos-harrapatuta.htm
|
Gizartea
|
Bizkaitar batek pertsona bat hil du Espainian, autoarekin jende talde bat ustez apropos harrapatuta
|
Osasun etxe baten atarian gertatu zen harrapaketa atzo. Hildakoa 32 urteko osasun langile bat da.
|
Bizkaitar batek pertsona bat hil du Espainian, autoarekin jende talde bat ustez apropos harrapatuta. Osasun etxe baten atarian gertatu zen harrapaketa atzo. Hildakoa 32 urteko osasun langile bat da.
|
Autoarekin jende multzo bat harrapatu zuen atzo gizonezko batek Haron (Errioxa, Espainia), eta horietako bat hil zuen. Lekukoak aipatuta, hainbat hedabidek zabaldu dute gidariak «gobernuaren kontrako» leloak oihukatuta ekin ziela oinezkoei. Poliziak gaur goizean adierazi duenez, gidaria 26 urteko bizkaitar bat da. Zehaztu dutenez, gidaria aldi baterako zegoen Haron.
Haroko osasun etxearen atarian gertatu zen harrapaketa. Guardia Zibilaren eledunak gaur adierazi duenez, gidaria osasun etxera zihoan, tratamendua jasotzera, «autoa apropos azkartu zuen, eta sei pertsona harrapatu zituen». Hainbat hedabidek zabaldu dutenez, autoan zihoazen beste bi pertsonak gidariaren gurasoak lirateke. Poliziak azaldu du erasotzaileak ustez eginiko oihuen kontua aztertzen ari direla. Edonola ere, gaineratu du «arrazoi terroristak» baztertu dituztela, baina harrapaketa istripuz gertatu izana alboratu dutela.
Hil denak 32 urte zituen, eta osasun langilea zen. Beste bost pertsona zauritu ziren gertaeran. Horietako bi oso larri daudela zabaldu dute Errioxako prentsan.
|
2023-9-5
|
https://www.berria.eus/albisteak/232435/hazkunde-erritmoari-eustea-eta-aurten-beste-65-frankizia-irekitzea-espero-du-eroskik.htm
|
Ekonomia
|
Hazkunde erritmoari eustea eta aurten beste 65 frankizia irekitzea espero du Eroskik
|
Egun 600 frankizia baino gehiago ditu Eroskik Euskal Herrian eta Espainian.
|
Hazkunde erritmoari eustea eta aurten beste 65 frankizia irekitzea espero du Eroskik. Egun 600 frankizia baino gehiago ditu Eroskik Euskal Herrian eta Espainian.
|
Eroski dendak ireki eta ireki ari da, eta horren seinale da 600 frankizien langa gainditu izana. Supermerkatu kate kooperatibaren ustez, talde azken urteetako hazkunde erritmoari eusten ari zaio, eta aurten beste 65 frankizia irekitzea aurreikusi dute. Eroskirentzat, hazkunde hori «frankizia eredu sendo» baten ondorioa da.
Azken bost urteetan, ia 300 frankizia ireki ditu Eroskik: 294. Hainbat denda mota ditu Eroskik, tamainaren eta ordutegien arabera sailkatuak gehienbat, eta, azken urteetan, gero eta Eroski Rapid izeneko denda txiki gehiago ari dira zabaltzen. Gehienek 150 metro koadro baino gutxiago dituzte, eta lehenago ireki eta geroago itxi ohi dituzte. Egungo bizitza estilora moldatzen den eredua dela uste du Eroskik, eta horregatik dutela arrakasta. Tankera horretako 52 frankizia ditu Eroskik.
Frankizia ereduaren arrakasta bata bestearekiko konfiantzan oinarritzen da, Eroskiren hitzetan. Aurten frankizia hartzaileekin egin duten inkestaren arabera, hartzaileen ia %95ek ontzat jotzen dute Eroskirekin duten harremana. Hala, Eroskik Frankiziatzailerik Onenaren saria jaso du Frankiziatzaileen Espainiako Elkartearen eskutik, eta Urteko Merkataritza Sarietan hurbileko supermerkatu frankiziarik onena izendatu zuten.
|
2023-9-5
|
https://www.berria.eus/albisteak/232436/elarekin-duen-harremana-hobetu-nahi-du-aurten-labek-laquozatiketaraquo-gainditzeko.htm
|
Ekonomia
|
ELArekin duen harremana hobetu nahi du aurten LABek, «zatiketa» gainditzeko
|
«Dialektika eta praktika positiboagoa» nahiko lukeela onartu du Garbiñe Aranburuk, eta greba feminista edo zerbitzu publikoen aldeko borrokak testuinguru egokia izan daitezkeela.
|
ELArekin duen harremana hobetu nahi du aurten LABek, «zatiketa» gainditzeko. «Dialektika eta praktika positiboagoa» nahiko lukeela onartu du Garbiñe Aranburuk, eta greba feminista edo zerbitzu publikoen aldeko borrokak testuinguru egokia izan daitezkeela.
|
LAB sindikatuak bi erronka nagusi jarri dizkio bere buruari urte sindikal berrirako. Batetik, ezker independentistako eragileen arteko agenda sozial partekatua bultzatzea; eta, bestetik, lantoki eta sektoreetan borrokak piztea. Azken hori lortzeko bidean, zatiketa sindikala oztopoa dela iritzi dio Garbiñe Aranburu sindikatuko koordinatzaile nagusiak, eta aurten sindikatuen arteko harremanak hobetzea nahiko lukeela onartu du; besteak beste, greba feminista edota zerbitzu publikoen aldeko borroka baliatuz.
Jakina da ELAren eta LABen arteko harremanak ez daudela bere onenean, eta sindikatu subiranistek ingurumari horretan ekingo diote urte sindikal berriari. Aranburuk zehaztu du ez dagoela «berritasunik» harremanei dagokienez, baina hori aldatu nahiko lukeela: «Guri gustatuko litzaiguke aurten dialektika eta praktika positiboago eta eraikitzaileago bat izatea.
Une honetan agendan dauden gai batzuetan elkarlanari ekiteko aukera ematen dute: greba feminista, zerbitzu publikoen defentsa, hainbat lan gatazka... Guri gustatuko litzaiguke eremu horiek zabalduz joatea». Dena den, ez du espero kolpetik aldaketa handirik egotea: «Pixkanaka joan behar dugu».
Urkulluri erantzunap>
Beste erronkari dagokionez, sindikatuak aldaketak eragin nahi ditu politika publikoetan. Besteak beste, negoziazio kolektiboaren estatalizazioa mugatu eta lan harremanen euskal esparruaren bidean urratsak egin; esaterako, Gizarte Segurantzaren transferentzia bultzatuz. «Aitzakiekin amaitzeko behintzat. Jaurlaritzak eskuduntza hori ez izatea aitzakia gisa erabiltzen du pentsioak ez hobetzeko. Baina guk badakigu egungo lege markoan ere hori posible dela, eta borondate politikorik eza dela arazoa».
Aranburuk, bide batez, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak eta Andoni Ortuzar EBBko presidenteak eginiko kritikei erantzun die. Arduradun jeltzaleek Jaurlaritzaren aurkako «higatze estrategia» baten barnean egotea leporatu diote LABi, eta Aranburuk erantzun die «patronalaren aldeko» politikak egiten badituzte, «langileek erantzun egingo dutela, ahotsa eta boza dutelako».
Zehaztu du iaz eginiko bileran ere ohartarazi zutela Urkullu, eta hartaz geroztik atzera pausoak ikusi dituztela: «Jaurlaritzak hainbat lan gatazkatan eta Osakidetza bezalako zerbitzu publikoen defentsan izan duen jarrera ikusi baino ez dago».
Nafarroan, «anbizio txikiko» gobernua
Erronka zailak dira, baina, LABek haiei ekiteko baldintza aproposak ikusten ditu, hiru bereziki. Batetik, langileen ahalduntze kolektibo bat gertatzen ari dela uste du, bereziki sektore feminizatuetan. Bestetik, Mugimendu Feministak azaroaren 30erako deituriko greba orokorrak zaintzaren debatea erdigunera eramango du; eta, azkenik, Espainiako Gobernua osatzeko eztabaidek eta Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeek presio egiteko aukera emango diete langileei.
Zentzu horretan, Aranburuk kritika egin dio Nafarroako Gobernua osatzeko akordioari: «Anbizio gutxi izan dute langileen bizi baldintzei eragiten dieten gaietan. Jarraitutasuna baino ez».
Aranburuk, halaber, aurreratu du bihar Idoia Mendia Jaurlaritzako Enplegu sailburuarekin biltzekoak direla, eta hark lanaldiaren murrizketaren inguruan eginiko adierazpenak begi onez ikusi dituzten arren, ez dietela sinesgarritasun handirik eman, uste baitute ez dutela «benetako borondaterik» ikusi. Aldiz, zehaztu du 1.400 euroko gutxieneko soldata ezartzeko eskaera mahai gainean jarriko diotela, eta patronala interpelatu dezala eskatuko diotela. «Horrelakoen inguruan hitz egin dadin sakatuko diogu», gaineratu du.
|
2023-9-5
|
https://www.berria.eus/albisteak/232437/jaizkibeli-zein-desfile-baztertzaileari-egingo-die-harrera-eider-mendozak-ostiralean.htm
|
Gizartea
|
Jaizkibeli zein desfile baztertzaileari egingo die harrera Eider Mendozak ostiralean
|
Gipuzkoako ahaldun nagusiak adierazi du diputazioak ere «mugimendu bat» egin nahi duela, «apaltasunez», «elkar ulertzearen eta konponbidearen alde».
|
Jaizkibeli zein desfile baztertzaileari egingo die harrera Eider Mendozak ostiralean. Gipuzkoako ahaldun nagusiak adierazi du diputazioak ere «mugimendu bat» egin nahi duela, «apaltasunez», «elkar ulertzearen eta konponbidearen alde».
|
Alarde eguna izango da ostiralean Hondarribian (Gipuzkoa), baina aurten ere emakumeek ezingo dute berdintasunean parte hartu herriko jai nagusian. Azken 25 urteetan bezala, Jaizkibel konpainia parekideak desfilatuko du lehenik —eta alardeak gero—, emakumeak soilik kantinera moduan onartzen dituzten konpainiek osatuta. Eta Gipuzkoako Foru Aldundiak biei egingo die harrera, gaur Eider Mendoza ahaldun nagusiak jakinarazi duenez: «Mugimenduak izan dira, eta aldundiak ere mugimendu bat egin nahi du elkarrizketaren, elkar ulertzearen eta konponbidearen alde. Mugimendu bat, apaltasunez, alarde tradizionalaren desfilera eta Jaizkibel konpainiaren desfilera joanda».
Alardeen inguruko gatazka ondo ezagutzen du Mendozak: «Emakumea naiz, Hondarribian bizi naiz, hiru seme eta alaba bat dauzkat, eta gertutik ezagutzen dut egoera, sufritu baitut, herriak sufritu du». Azken urteetan, herritar gisara joan da bi desfileak ikustera, eta, aurten, ahaldun nagusi gisa joango da. Han izango da Igor Enparan Hondarribiko alkatea ere: urteetan, EAJko alkateek desfile baztertzaileari baino ez diote txalo egin, baina, aurten, aldaketa ekarri du Abotsanitz taldearen udal gobernuak, eta Jaizkibeli zein alardeari egingo die harrera.
Edonola ere, ez da lehen aldia izango aldundiak ofizialki Jaizkibeli harrera egiten diona: Bildu Gipuzkoako Diputazioan izan zenean (2011tik 2015era), urtero joan zen Martin Garitano ahaldun nagusia konpainia parekidea babestera, gobernu ordezkaritza zabal batekin batera; desfile baztertzailea, ordea, ez zuten ikusten. EAJ eta PSE aldundira itzuli zirenean, berriz, ordezkaritza bidaltzeari utzi zioten, salbuespen batekin: Denis Itxasok urte batzuetan bi desfileei egin zien harrera, Kultura diputatu gisa, baina jokabide hori gobernuan adostu gabe.
EH Bilduk «koherente» izan nahi du
Hondarribiko EH Bilduk «zerbait aldatzen» ari dela uste du, nahiz eta, prozesua «nahi baino askoz ere luzeagoa» izaten ari den. Alarde publikoa, parekidea eta bakarra nahi du eta uste du udal gobernuan izandako aldaketak helburu hori lortzeko aukera «paregabea» eskaintzen duela. Horregatik, koalizioko bi zinegotziak Hondarribiko udal ordezkaritzarekin batera egingo diote harrera ofiziala Jaizkibel Konpainiari, elizako eskaileretan.
Bestalde, udaleko gobernu taldeak alarde baztertzaileari ere harrera egiteko eskatu diete EH Bilduko zinegotziei. Baina eskaerari ezezkoa eman diote: «Koherentziaz jokatuta, ez diogu harrerarik egingo. Harrera egiteak jarrera matxista baten konplize izatea dakarrelako». Aldiz, EH Bilduko ordezkariak, urtero moduan, Jaizkibel Konpainiakoekin elkartuko dira udaletxeko arkupean.
|
2023-9-5
|
https://www.berria.eus/albisteak/232438/aebetako-irekian-ikusle-bat-bota-dute-hitlerren-esaldirik-ezagunenetako-bat-oihukatzeagatik.htm
|
Kirola
|
AEBetako Irekian ikusle bat bota dute Hitlerren esaldirik ezagunenetako bat oihukatzeagatik
|
«Alemania ororen gainetik», oihukatu du gizon batek Zverev-en eta Sinner-en arteko partidan, eta tenislari alemaniarrak berak geratu du partida, hori onartezina dela argudiatuz.
|
AEBetako Irekian ikusle bat bota dute Hitlerren esaldirik ezagunenetako bat oihukatzeagatik. «Alemania ororen gainetik», oihukatu du gizon batek Zverev-en eta Sinner-en arteko partidan, eta tenislari alemaniarrak berak geratu du partida, hori onartezina dela argudiatuz.
|
AEBetako Irekian, Alexander Zverev alemaniarraren eta Jannik Sinner italiarraren arteko partidan, epaileak ikusle bat bota du «Alemania ororen gainetik» oihukatzeagatik. Alemaniako ereserkiaren lehen esaldia zen hori lehen. Baina Adolf Hitlerrek bereganatu egin zuen lehen ahapaldi hori, eta gaur egun hirugarrena soilik kantatzen da, aurreko biek duten kutsu naziarengatik.
Laugarren setean gertatu da. Ikusleak esaldi hori oihukatu du, eta tenislari alemaniarrak berak partida geratu du partida. Jatorri errusiarra du Zverevek. Hanburgon jaiotako tenislaria, oihua entzun eta berehala, epailearengana joan da: «Hitlerren esaldietarik munduan famatuena dena esan du oraintxe. Onartezina da. Sinestezina».
Harmailetan txistu egin dute hasieran, eta epaileak berak hasieran pentsatu du ikusleen oihuengatik orokorrean ari zela kexatzen. «Ez, ez, ez, ez da hori», hurbildu zaio Zverev. James Keothavong epaile britainiarra, kexua ulertu duenean, berehala zuzendu da ikusleengana, eta galdetu du: «Nork esan du hori? Altxatu zure eskua».
Epaileak behin baino gehiagotan galdetu behar izan du nor izan den oihu hori egin duena. Beste ikusleen laguntzarekin identifikatu dute azkenean, eta epaileak pistako zaindariei eskatu die kanporatzeko. Horiek hurbildu zaizkionean, oihulariak, bere eserlekutik altxatu, eta eskaileratan gora eginik utzi du tenis pista, gainontzeko zaleen txistuen artean.
|
2023-9-5
|
https://www.berria.eus/albisteak/232439/eusko-jaurlaritzak-adikzioen-plan-berria-aurkeztu-du.htm
|
Politika
|
Eusko Jaurlaritzak adikzioen plan berria aurkeztu du
|
Emakumeen eta nerabeen artean psikofarmakoen kontsumoak gora egin duela ohartarazi du Osasun sailburuak. Substantziez gain, teknologiarekiko menpekotasuna eta apustuak ere landu dituzte planean.
|
Eusko Jaurlaritzak adikzioen plan berria aurkeztu du. Emakumeen eta nerabeen artean psikofarmakoen kontsumoak gora egin duela ohartarazi du Osasun sailburuak. Substantziez gain, teknologiarekiko menpekotasuna eta apustuak ere landu dituzte planean.
|
2023tik 2027ra arte iraungo duen adikzioen plana aurkeztu du Gotzone Sagardui Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Adikzioa eragiten duten jokabideen eta substantzien kontsumoaren aurka lurralde «osasuntsuagoa eta sentsibilizatuagoa» lortzea izango da planaren helburu nagusia. Horretarako, hogei jarduera ildo eta lehentasunezko 58 ekintza zehazten ditu planak.
Jaurlaritzak adikzioen alorrean egindako zortzigarren plana izango da, eta bide «luze eta oparo» hori goraipatu du Sagarduik: «Adikzioak dituztenei eta horien familiakoei laguntzen ibilbide luze eta oparoa egin du Jaurlaritzak. Plan berria horren jarraipena eta, era berean, aurrerapausoa izango da». Berritasun gisa adin tartei garrantzia berezia eman dietela aipatu du sailburuak: adinaren arabera adikzioak ezberdinak direla esan du eta kasu bakoitzean lanketa egiteko modua ere horren araberakoa izan behar duela. Genero ikuspegia ere txertatu dute plan berrian.
Plana indarrean dagoen bitartean lortu nahi dituzten zenbait helburu zehaztu ditu: besteak beste, adikzioa eragiten duten kontsumoen eta jarreren hasiera eragoztea edo atzeratzea; eragiten dituzten desberdintasunak murriztea; edota adikzioei lotutako estigmak gutxitzea. Horretarako, beste hainbat helburu «instrumental» txertatu dituzte planean, horien araberako jarduera ildoak garatzeko. Helburu instrumental horien artean daude, esaterako, portaera osasungarriak sustatzen dituzten inguruneak sortzea, gizarteratzeko laguntza zerbitzuak hobetzea edo adikzioen arloko ezagutzak garatzea zein hedatzea.
Adikzio gisa hartzen ez direnak
Aurtengo udazkenean adikzioen inguruko inkesta egiteko asmoa dutela jakinarazi du sailburuak. Lau urtean behin egiten dute, eta adikzioen inguruko «argazki zehatza» lortzeko balio duela adierazi du Sagarduik. Halere, eman ditu adikzioa eragiten duten substantzien kontsumo datu batzuk: tabakoa eta alkohola dira oraindik gehien kontsumitzen diren substantziak, baina zertxobait behera egin dutela esan du. Zigarreta elektronikoen erabiltzaileak, ostera, gero eta gehiago direla jakinarazi du, baita kalamuaren kontsumitzaileak ere. Gainera, azken hori gazteen artean «normalizatuta» dagoela ohartarazi du. Legez kanpoko drogen kontsumoak ere «pixka bat gora» egin duela adierazi du.
Psikofarmakoak ere gero eta gehiago kontsumitzen dira, eta Sagarduik azaldu du batez ere emakumeen eta nerabeen artean igo dela kontsumoa. Gainera, ohartarazi du gizarteak askotan ez duela adikziotzat hartzen. Berdin gertatzen da teknologiarekiko menpekotasunarekin. Substantzien kontsumoaz gain, Jaurlaritzaren planean, adikzio gisa definitzen dituzte menpekotasuna eragin dezaketen jokabideak. Horien artean dago teknologiarekiko dependentzia: bideojokoak, Internet eta sakelakoak aipatu ditu sailburuak. Apustuak ere jokabide horien artean sartu dituzte, eta erabilera gora egiten ari dela adierazi du. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanle guztien %2,5ek jokatzen dutela jakinarazi du Sagarduik, eta gero eta gehiago direla online apustu egiten dutenak.
|
2023-9-5
|
https://www.berria.eus/albisteak/232440/celsari-buruzko-azken-hitza-berea-dela-ohartarazi-du-espainiako-gobernuak.htm
|
Ekonomia
|
Celsari buruzko azken hitza berea dela ohartarazi du Espainiako Gobernuak
|
Epaile batek inbertsio funtsen esku utzi du altzairugintza taldea, baina, sektore estrategikoa denez, erabaki horrek bere baimena behar duela azaldu du Madrilgo gobernuak.
|
Celsari buruzko azken hitza berea dela ohartarazi du Espainiako Gobernuak. Epaile batek inbertsio funtsen esku utzi du altzairugintza taldea, baina, sektore estrategikoa denez, erabaki horrek bere baimena behar duela azaldu du Madrilgo gobernuak.
|
Celsaren jabetzari buruzko partida ez da amaitu. Bazirudien haren kontrola galdua zuela haren orain arteko jabeak, Kataluniako Rubiralta familiak, Bartzelonako merkataritza arloko epaitegi batek ontzat hartu zuelako haren hartzekodunen eskaera: beren zorraren zati handi bat enpresaren akzio bihurtzea eta, hortaz, kontrola haien esku uztea.
Baina Rubiralta familiak babes politikoa izan du orain arte, eta ez duela erabat galdu uler daiteke Espainiako Gobernuaren oharra ikusita. Industria Ministerioaren iturriek Efe agentziari azaldu diotenez, Celsa konpainia estrategikoa denez, Ministroen Kontseiluak du haren jabetzari buruzko azken hitza. Zehazki, legeak eskumena ematen dio enpresa estrategikoen akzioen %10 baino gehiago erostea onartzeko eta atzera botatzeko. Celsa ez dagoenez burtsan, baliteke Europako Batasunetik kanpoko inbertitzaileen esku hartzeak trabatzea. Halakoak dira Celsak bankuekin zuen zor handiaren —3.500 milioi euro— zati handi bat erosi zutenetako asko. Deskontu handiarekin erosi zuten, %80 ere merkeago, bankuak ohartu zirelako zaila izango zitzaiela zor hori bueltan jasotzea, altzairugintza taldearen egoera ekonomiko kaskarra ikusita.
Kontrola hartu nahi duten inbertsio funtsekin ez da fio Pedro Sanchezen gobernua, beldur baita etekin baten truke enpresa zatitu dezakeela, eta zenbait atal itxi. Jarrera hori du Eusko Jaurlaritzak ere. Esanguratsua izan da Kutxabanken jarrera ere: Celsaren hartzekoduna da, baina uztailean irten egin zen enpresaren kontrola hartu nahi zuten finantza erakundeen multzotik.
Konpainiaren zatiketa eragozteko eta ahalik eta enplegu gehien gordetzeko, Espainiako Gobernuak 550 milioi euroren erreskatea eskaini zuen iaz. Diru hori ez dutela eskatuko ziurtatu dute, ordea, inbertsio funtsek. Azken hilabeteetan altzairuaren sektoreko inbertitzaile baten bila aritu dira, Madrilen mesfidantza gutxitzeko, baina artean ez dute arrakastarik izan. Esan dute, ordea, erabakigunea eta lanpostuak blindatuko dituztela.
Hiru lantegi Euskal Herrian
Zazpi mila langileko talde bat da Celsa, eta haren kontrolerako borrokak badu garrantzia Euskal Herrian. Izan ere, Celsak hiru altzairutegi eta 650etik gora langile ditu Euskal Herrian: 329, Nervaceron (Trapagaran, Bizkaia); 98, Celsa Atlanticen (Gasteiz) —lehen Laminaciones Arregui zen—; eta 200, Celsa Francen (Bokale, Lapurdi). Azken hori da hiruretan sendoena, talde osoaren fakturazioaren %9 ekartzen baitu.
|
2023-9-5
|
https://www.berria.eus/albisteak/232441/espainiako-trantsizioko-espiritua-berreskuratzea-proposatu-du-urkulluk.htm
|
Politika
|
Espainiako trantsizioko «espiritua» berreskuratzea proposatu du Urkulluk
|
Eusko Jaurlaritzako lehendakariarentzat «funtsezko eztabaidagaia» da «nazio bateko gizarte desberdinen aitortza». Aniztasun hori onartzeko «zailtasunak» daudela dio.
|
Espainiako trantsizioko «espiritua» berreskuratzea proposatu du Urkulluk. Eusko Jaurlaritzako lehendakariarentzat «funtsezko eztabaidagaia» da «nazio bateko gizarte desberdinen aitortza». Aniztasun hori onartzeko «zailtasunak» daudela dio.
|
Espainiako Estatuko trantsizioaren «espiritua» berreskuratzea da Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak proposatutako konbentzio konstituzionalaren oinarrietako bat. Izan ere, azaldu du «espiritu» hark autonomia erkidego komunak eta erkidego historikoak bereizten dituela: «Bereizketa horrek 1978ko [Espainiako] Konstituzioaren aurreko autogobernu errealitate propioa dugun erkidego historikoak identifikatzen ditu, hau da, Euskadi, Katalunia eta Galizia».
Donostiako Miramar jauregian egin ditu adierazpen horiek, Federalismoaren eta Sistema Autonomiko Espainiarraren Erronkak udako ikastaroaren amaierako saioan. Haren erranetan, uztailaren 23ko bozek «berriz ere erdigunean jarri dituzte federalismoaren erronkak eta sistema autonomikoa». Hori «aukera» bat dela azpimarratu du. Lehendakariarentzat, federalismo plurinazionalari buruz solastatzean «funtsezko eztabaidagaia» da «nazio bateko gizarte desberdinen aitortza».
Hortaz, adierazi du jarraituko duela Espainiako estatu ereduari buruzko «hausnarketa proposamenak» egiten; betiere, «erreforma erreal» baterantz bideratuak eta trantsizioaren «espiritua» berreskuratuko dutenak. Proposatu du estatu eredu hori federazio liberaletatik urruntzen duten zenbait alderdiri buruz hausnartzea: «Botere legegileen banaketa zalantzagarria; eredu autonomikotik kanpoko estatu unitario baten parametroei jarraitzen dien botere judiziala; lurralde ordezkaritzako ganbera gisa hartu ezin daitekeen senatua; eta autonomia erkidegoak Europar Batasuneko erakundeei dagokienez eragile politikotzat ez hartzea».
Bere asmoa zein den garbi adierazi badu ere, erran du «identitate aniztasuna» onartzeko «zailtasunak» badirela, eta ez dela «ezer gertatzen onartzeagatik iritzi eta sentimendu desberdinak» daudela. «Kontua ez da ulertzea, errespetatzea baizik, eta adostutako garapen bide bat aurkitzea», borobildu du.
Bide horretan, Andoni Ortuzar EAJko lehendakariak ere garbi du zein diren Espainiarekin eginen dituzten negoziazioetan egonen diren bi gaiak: lurraldetasun eredua eta «Euskadi eta Kataluniako errealitate nazionalek [Espainiako] Estatuan izango duten lekua». Onda Vasca irratian egin ditu adierazpen horiek, eta erran du Pedro Sanchezek eta PSOEk «aukera historikoa» dutela «funtsezko aurrerapen bat» gauzatu dadin.
Erantzunak
Guztiek, baina, ez dute begi onez ikusi Urkulluren proposamena. Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak, adibidez, uste du konbentzio konstituzionala egin baino lehenago mahai gainean jarri behar dela «euskaldunek defendatzen dutena». Otegirentzat, egokiena «proposamen amankomun» bat da, eta bertan defenda dadila «Euskal Herria nazio bat dela, zazpi probintziaz osatuta dagoela, eta bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea duela».
Alberto Nuñez Feijoo PPko buruak ere gaitzetsi du Urkulluren proposamena. Haren iritziz, Espainiako Konstituzioa Auzitegi Konstituzionalak interpretatu behar du, eta ez «politikarien behatoki» batek. «Espainia osoa Konstituzioarekin zer egin behar den pentsatzen jartzea, autonomia erkidego bateko presidente batek egunkari batean argitaratutako artikulu batean oinarrituta, gehiegizkoa iruditzen zait», adierazi du Cope irratian egindako elkarrizketa batean.
|
2023-9-5
|
https://www.berria.eus/albisteak/232442/lehen-seihilekoan-asilo-eskaerak-28-igo-dira-ebn-norvegian-eta-suitzan.htm
|
Mundua
|
Lehen seihilekoan asilo eskaerak %28 igo dira EBn, Norvegian eta Suitzan
|
Denera 519.000 asilo eskaera baino gehiago jaso dituzte Europako herrialde horiek, eta Siriatik eta Afganistandik bidali dituzte gehienak.
|
Lehen seihilekoan asilo eskaerak %28 igo dira EBn, Norvegian eta Suitzan. Denera 519.000 asilo eskaera baino gehiago jaso dituzte Europako herrialde horiek, eta Siriatik eta Afganistandik bidali dituzte gehienak.
|
Berriz gertatzeko joera izan ohi du historiak. Batzuetan, hamarkada baten ondoren itzultzen da abiapuntura, eta, urte gutxira, besteetan. EUAA Europako Batasuneko Asilo Agentziak gaur argitaratutako txosten baten arabera, urtarriletik hona milioi erdi asilo eskaera baino gehiago erregistratu dituzte EB Europako Batasuneko herrialdeetan, Norvegian eta Suitzan —Schengen eremuan daude bi horiek—. 2016tik erregistratutako eskaera kopururik handiena da aurtengoa, 2015 eta 2016 bitarteko iheslarien krisia izan zenetik erregistratutako handiena, hain justu.
Zehazki, Europako herrialde horiek 519.000 asilo eskaera baino gehiago jaso dituzte lehen seihilekoan, iaz epe berean baino %28 gehiago. Datu horri erreparatuta, txostenaren egileek aurreikusten dute asilo eskaerek milioiaren langa gaindituko dutela urte amaierarako. Aurreikuspen hori beteko balitz, iaz baino asilo eskaera gehiago erregistratuko lirateke aurten. Eta iazko datua ez da txikia: ia milioi bat eskaera jaso zituzten, 2021ean baino %53 gehiago.
Baina nork bidaltzen ditu eskaera horiek? Eta nork jasotzen ditu? Bada, txostenaren arabera, aurten ere Alemania da asilo eskaera gehien jasotzen ari den herrialdea, hots, erregistratutako eskaera guztien %30. Zerrenda horretan, Espainia da bigarren (%17), eta Frantzia hirugarren (%16). Eskaeren beste aldean, berriz, Siriako, Afganistango, Venezuelako, Turkiako eta Kolonbiako milaka lagun daude. Bost herrialde horietan jaiotakoak dira asilo eskatzaileen ia erdiak, %44. Halaber, Irandik eta Errusiatik jasotako asilo eskaerak bikoiztu egin dira iaztik.
Orain arte, Europako herrialdeek 2016an jaso zituzten inoizko asilo eskaera gehien. Siriatik jaso zituzten horietatik guztietatik erdia inguru, urte hartan han hasitako gerra zibilaren ondorioz. Halere, zazpi urte ondoren, zerrendaren lehen postuan dago oraindik ere Siria: handik bidalitako 67.000 asilo eskaera erregistratu dira aurten, iaz epe berean baino %47 gehiago. Siriaren atzetik, Afganistandik bidali dituzte asilo eskaera gehien, 55.000 inguru. Igoera horren atzean ezkutatzen dira, besteak beste, COVID-19aren pandemia eta 2021ean talibanek agintea hartu izana.
Denentzat tokirik ez
Dena den, kontu bat da Europako herrialdeetan asiloa eta babesa eskatzea, eta, beste bat, Europako herrialdeek eskaera hori onartzea. Aurten jasotako eskaera guztien %41 bakarrik onartu dituzte oraingoz. Eta, txostenaren arabera, eskaeraren jatorriak pisu handia izan dezake baietzaren eta ezetzaren arteko balantzan. Adibidez, Turkiatik asiloa eskatzen dutenek dituzte nazioarteko babesa jasotzeko «aukera gutxien».
Bestalde, aintzat hartzekoa da asilo eskatzaileen zerrendan agertzen ez diren milioika iheslariri babesa ematen ari zaiela EB: Ukrainako iheslariei, hain justu. Denera, uste da lau milioi iheslari inguru bizi direla egun Europako herrialderen batean, Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerratik ihesi.
|
2023-9-5
|
https://www.berria.eus/albisteak/232443/jorge-vilda-kargugabetu-du-espainiako-federazioak.htm
|
Kirola
|
Jorge Vilda kargugabetu du Espainiako Federazioak
|
Txalo egin zion Rubialesi, dimitituko ez zuela iragarri zuen agerraldian. Jokalariek esana zuten, hark karguan jarraituz gero ez zirela selekziora itzuliko. Iaz, gainera, hamabost jokalarik salatu zuten, teknikariaren mezuek ez zutela taldean eraginik, eta anbizioa falta zitzaiola. Hori dela eta, uko egin zioten Espainiako selekziora joateari.
|
Jorge Vilda kargugabetu du Espainiako Federazioak. Txalo egin zion Rubialesi, dimitituko ez zuela iragarri zuen agerraldian. Jokalariek esana zuten, hark karguan jarraituz gero ez zirela selekziora itzuliko. Iaz, gainera, hamabost jokalarik salatu zuten, teknikariaren mezuek ez zutela taldean eraginik, eta anbizioa falta zitzaiola. Hori dela eta, uko egin zioten Espainiako selekziora joateari.
|
Espainiako Futbol Federazioak Jorge Vilda selekzioko hautatzailea kargugabetu du. 2015etik zen teknikaria, eta Munduko Txapelketa irabazi berritan kendu dute kargutik. Entrenatzaile madrildarra Pedro Rocharekin, gaur egun Federairoko presidentea denarekin, bildu da goizean, eta hark eman dio erabakiaren berri. Luis Rubialesen eskutik iritsi zen kargura, eta Rubialesek duela astebete emandako prentsaurrekoan zuzendari ohiari txalo eginez aritu zen Vilda, uneoro. Munduko Txapelketa irabazi arren, jokalariek aho batez adierazi zuten ez zutela Espainiako selekziora itzultzeko asmorik Rubiales eta Vilda haien karguetan zeuden bitartean.
Rubialesen auzia jende askoren ahotan egon da azken asteetan. Rubialesek musu bat eman zion ezpainetan Hermosori haren borondatearen aurka, Espainiak Munduko Kopa irabazi osteko domina banaketan. Aurretik, keinu itsusiak egin zituen palkoan. Rubialesek dimititzea espero zen, baina hari egindako «erasoak» salatzeko egin zuen prentsaurrekoa. Egun hartan, Vildak federazioko presidente zenaren hitzak txalotu zituen behin eta berriro. Ez hori bakarrik, bien arteko erlazio onaren adierazgarri, soldata igoera bat agindu zion Rubialesek Vildari batzar horretan bertan. 160.000 euro kobratzetik urtero milioi erdi kobratzera igaroko zen hurrengo lau urteetan.
Handik egun batzuetara, aldiz, behin FIFAk Rubiales zigortu zuenean, jarrera hori gaitzetsi zuen Vildak. Hala hitz egin zuen azken gertaeren gainean: «Sentitzen dut Espainiako emakumezkoen futbolaren garaipena horrela kaltetu izana orain arte gure agintaria zenak izandako eta aitortutako jokabide desegokiagatik. Benetako burugabekeria izan da, eta inoiz ikusi gabeko egoera sortu da, selekzioaren merezitako garaipena lausotuz». Munduko Txapelketara joan diren jokalariek eta gehiagok esana zuten aurretik ez zirela Espainiako Selekziora itzuliko Rubiales eta Vilda haien karguetan zeuden bitartean.
Hala ere, ez da jokalariek Vildarekin izan duten gatazka bakarra. Iaz, Ingalaterran jokatu zen Eurokoparen ostean, jokalarien kexak iritsi ziren. Prestakuntza hobea egin zitekeela zioten, eta Jorge Vildaren mezuek ez zutela taldean eraginik. Anbizio falta ere salatu zuten jokalariek. Horregatik, aurrerapauso bat ematea erabaki zuten, eta haien haserrea agertu zieten EFFari eta Vildari. Aurrerago beste urrats bat egin zuten, eta hamabost jokalarik selekzioaren deialdietan ez sartzeko eskatu zioten federazioari. Tartean ziren Ainhoa Vicente, Amaiur Sarriegi eta Nerea Eizagirre: «Espainiako selekzioan izan diren azken gertakariek eta sortutako egoerak, zuek ezagutzen dituzuenak, eragin handia dute nire egoera emozionalean eta, beraz, nire osasunean», zioten idatzian. Hainbat jokalarik atzera egin eta Munduko Txapelketan izan ziren, baina Vicentek, Sarriegik eta Eizagirrek idatzian esandakoari eutsi, eta ez dira Espainiako selekziora itzuli.
|
2023-9-5
|
https://www.berria.eus/albisteak/232444/gannak-irabazi-du-vueltan-eta-evenepoel-erdizka-geratu-da.htm
|
Kirola
|
Gannak irabazi du Vueltan, eta Evenepoel erdizka geratu da
|
Italiarrak erakustaldia eman du erlojuaren aurka. Flandriarrak ez du irabazi erlojupekoa, ez die alde handirik atera aurkariei, eta ez du maillot gorria berreskuratu. Kussek lidergoari eutsi dio
|
Gannak irabazi du Vueltan, eta Evenepoel erdizka geratu da. Italiarrak erakustaldia eman du erlojuaren aurka. Flandriarrak ez du irabazi erlojupekoa, ez die alde handirik atera aurkariei, eta ez du maillot gorria berreskuratu. Kussek lidergoari eutsi dio
|
Igandeko etapa bukatu bezain laster eman zuen bere asmoen berri Remco Evenepoelek: «Orain, nire txanda da», esan zuen Soudal Quick-Step taldeko txirrindulari flandriarrak. Bi egun geroago Valladoliden (Espainia) jokatuko zen 25,8 kilometroko banakako erlojupekoaren inguruan ari zen. Mehatxu itxura zuen. Jumbo Visma taldea Vueltan erakusten ari zen nagusitasunarekin bukatzeko amorratzen zegoen. Nola? Haren kirol ibilbidean famatu egin diren kolpe horietako bat emanez.
Uste osoa zuen bere buruan. Bazuen baikor egoteko arrazoirik, inon ikusgarri moldatzen baldin bada, erlojuaren aurka moldatzen baita. Duela gutxikoa zuen azken erakustaldia: duela hilabete eskas munduko txapeldun izan zenekoa. Hori zuen beste akuilu bat: «Oraingoan, ez dut jantziko gazte onenaren maillota, ezta mendikoa ere; munduko txapeldunaren nire maillota jantziko dut». Motibazioz gainezka zegoen.
Baina erdizka geratu da gaur. Ez du irabazi, ez die nahi bezainbesteko aldea atera aurkariei, eta ezin izan du liderraren maillot gorria berreskuratu. Erlojupekoa amaitu berritan utzitako irudiak ezin hobeto islatzen du Evenepoelen aldartea: ezetz zioen buruarekin behin eta berriro. Etsipenaren eta ezinaren irudia zen.
Filippo Gannak (Ineos) utzi dio garaipena gabe. Italiarra ziztu bizian joan da bizikleta gainean: batez beste 56 kilometro orduko abiadurara. Evenepoelek urrerik gabe utzi zuen Ganna Munduko Txapelketan, baina gaur, hark zapuztu ditu flandriarraren asmo guztiak. Hamasei segundorengatik hartu dio aurre. Hasi eta buka nagusitu da italiarra, eta erakustaldia eman du.
Irabazi gabe ere, Evenepoel pozik legoke aurkariei aldea aterata, baina hori ere ez du lortu. Atzean utzi ditu denak, baina ez hark nahiko lukeen bezain urruti: Primoz Roglic (Jumbo Visma) gerturatu zaio gehien, hogei segundora besterik ez. Joao Almeidari (UAE), berriz, 34 segundo atera dizkio; Aleksandr Vlasovi (Bora), 36; Juan Ayusori (UAE), 55; Marc Solerri (UAE), 56; Jonas Vingegaardi (Jumbo Visma), 1.02; Sepp Kussi (Jumbo Visma), 1.13; eta Enric Masi (Movistar), 1.30, besteak beste.
Alde txiki horiek beste ondorio bat izan dute: Evenepoelek ezin izan du lidergoa berreskuratu. Lan zaila zen, baina erlojupekorako dituen dohain bikainak kontuan hartuta, eskuragarria zirudien. Baina alferrik. Evenepoel ez da nahi bezain ondo aritu, eta, hori gutxi ez, eta Kussek sekulako lana egin du; haren inoizko erlojupekorik onena osatu du.
Horri esker, Kuss, gutxienez, beste egun batez izango da lider. Oharkabean, Jumbo Vismak beste aukera bat du Vuelta irabazten saiatzeko, Kuss oso ondo moldatzen baita maldan gora. Estatubatuarrak 26 segundo ateratzen dizkio Solerri; 1.09 Evenepoeli; 1.36 Roglici; 2.02 Lenny Martinezi (Groupama); 2.16Almeidari; 2.22 Vingegaardi; 2.25 Ayusori; 2.50 Masi; eta 3.14 Vlasovi. Mikel Landa (Bahrain) dator jarraian, 3.21era.
Bihar, berriro goian amaituko da
Bihar, goian amaituko da etapa, 11.a, Lerma eta Laguna Negra artekoa (Espainia). Etapak 163,5 kilometro ditu: lehen 145ak lauak dira, eta azkeneko 18,5ak maldan gora. Azken horietan igoko dute Laguna Negra Lehen Mailako gaina. 6,5 kilometro ditu, eta %6,8ko batez besteko pendiza. Azken bi kilometroak dira gogorrenak, %14ko aldapak baitaude. Aukera aproposa dirudi ihesaldiren batek arrakasta izan dezan, edo faboritoren batek erasoa jo dezan.
|
2023-9-5
|
https://www.berria.eus/albisteak/232445/koloretako-omenaldia-egingo-diote-mikel-martin-ekintzaileari-errenterian.htm
|
Gizartea
|
Koloretako omenaldia egingo diote Mikel Martin ekintzaileari Errenterian
|
Irailaren 23an egingo dute Mikelaldia. Kalejira, omenaldi kabareta, herri afaria eta jaia antolatu dituzte Euskal Herriko sexu askapenerako mugimenduetako erreferentea omentzeko.
|
Koloretako omenaldia egingo diote Mikel Martin ekintzaileari Errenterian. Irailaren 23an egingo dute Mikelaldia. Kalejira, omenaldi kabareta, herri afaria eta jaia antolatu dituzte Euskal Herriko sexu askapenerako mugimenduetako erreferentea omentzeko.
|
Martxoaren 2an Euskal Herriko sexu askapenerako mugimenduetako erreferente bat zendu zen: Mikel Martin Conde. EHGAM Euskal Herriko Sexu Askapenerako Mugimenduaren sortzaileetako bat izan zen ekintzaile errenteriarra, besteak beste. Irailaren 21ean 69 urte beteko zituzkeen, eta mugarri hori baliatu dute Martinen lagunek, senideek eta Errenteriako denetariko eragileek Mikelaldia antolatzeko: Mikel Martin gogoratzeko herri omenaldia. Irailaren 23an egingo dute, ekintzailearen herrian; Errenterian (Gipuzkoa), alegia.
Mikelaldia kalejira koloretsu batekin hasiko dute hilaren 23an, 12:00etan, Errenteriako Gaztaño auzoko Arramendiko baratzeetatik. Honela deskribatu dute antolatzaileek: «Puti-itzuli bat baino zerbait gehiago, sentikaria, bateko eta besteko ekarpen, errezital, musika, performance eta maribilaldiarekin». Arratsaldean egingo dute Mikelaldiaren ekitaldi nagusia: omenaldi kabareta. «Mikelaren oroitza argiz, kolorez, kantuz, dantzaz, dirdiraz eta bizipozez jantziko duen ekitaldia, elkar hartuta hunkitzeko, goxatzeko eta alaitzeko oroigarri xamur bat». Hori izango da, antolatzaileen arabera.
19:00etan egingo dute, Lekuona fabrikan. Omenaldi kabaretera joan nahi dutenei proposamen bat egin diete antolatzaileek: osagarri koloretsu bat eramatea. «Norberak nahi duena eta nahi beste, libre: soineko, jantzi, boa, takoi, kapela, zapi, zorro, poltsa...». Gonbidapenak eskura egongo dira larunbat honetan, Errenteriako Juan Ignacio Gamon zumardiko kioskoan, 11:00etatik 19:00etara. Hilaren 11tik aurrera Lekuona fabrikan eskuratzeko aukera ere egongo da.
Mikelaldia biribiltzeko, herri afaria egingo dute Linoko karpan, Agirre lehendakariaren plazan, 21:30ean. 20 euro balioko du otorduak, eta sarrerak eskura egongo dira larunbat honetan, Errenteriako Juan Ignacio Gamon zumardiko kioskoan, 11:00etatik 19:00etara. Reyna eta Arkatitza tabernetan ere salduko dituzte hilaren 11tik aurrera. Afaldu eta gero, jaia egingo dute.
Hala ere, hilaren 23a baino lehen hasiko dira errenteriarra oroitzeko omenaldiak. Hain zuzen ere, irailaren 21ean —Mikel Martinen urtebetetze egunean— topa egingo dute, teknologiaren bidez konektatuta, Errenteriako Txintxarri elkartean, Bilboko Txomin Barullo tabernan, Iruñean, Gasteizen, Bartzelonan eta Murtzian (Espainia).
Mikelaldiaren antolatzaileak Mikel Martinen senideak, lagunak eta hainbat eragile dira; hauek: EHGAM, Oreretako Bilgune Feminista, Zintzilik irratia, AEK, Pikoketa elkartea, Camelamos Adiquerar elkartea, Oaingoz Hau, Loratuz Lotu, Taldelan, Lau Haizetara, Mikelauzo, Oreretako Laikotasun Taldea, Alternatiba, Elkarrekin Podemos, Oreretako Gaztetxea eta Gaztañoko bizilagunen elkartea. Errenteriako Udalaren laguntzarekin antolatu dute omenaldia.
|
2023-9-6
|
https://www.berria.eus/albisteak/232469/dmitri-golovtxenko-alpinista-errusiarra-g-ivan-desagertu-da.htm
|
albisteak
|
Dmitri Golovtxenko alpinista errusiarra G-IVan desagertu da
|
Sergei Nilov sokakideak jakinarazi duenez, lagunak istripua izan zuen, Gasherbrum IV (7.925 m) mendiaren hego-ekialdeko ertz eskalatu gabean bide berri bat zabaltzen ari zirela. Munduko sokaldirik indartsuenetako bat osatzen zuten. Urrezko bi piolet zituzten.
|
Dmitri Golovtxenko alpinista errusiarra G-IVan desagertu da. Sergei Nilov sokakideak jakinarazi duenez, lagunak istripua izan zuen, Gasherbrum IV (7.925 m) mendiaren hego-ekialdeko ertz eskalatu gabean bide berri bat zabaltzen ari zirela. Munduko sokaldirik indartsuenetako bat osatzen zuten. Urrezko bi piolet zituzten.
|
Hainbat egun batere berririk gabe egon ondoren, albisterik beltzena heldu da Gasherbrum IV menditik (Karakorum, Pakistan): Dmitri Golovtxenko alpinista errusiarrak istripua izan du, eta desagertuta dago. Sergei Nilov sokakideak, oso ahulduta eta zenbait atal izoztuak dituela, kanpaleku nagusira iristea lortu du, eta berak eman du albistea, Errusiako Mountain Ru atariko Anna Piunovak baieztatu duenez. Oraingoz, ez dago berri askoz gehiagorik. Helikopteroak prest dira abiatzeko eta airetik Golovtxenko bilatzen saiatzeko, baina eguraldi txarrak ez du aireratzeko aukerarik ematen.
Bi alpinista errusiarrak Gasherbrum IVko (7.925 m) mendiaren hego-ekialdeko ertza eskalatzen ari ziren. Munduko mendirik eder eta zailenetako bat da G-IV, eta ertz hori inork eskalatu gabe zegoen oraindik. Estilo alpinoan, arin, ezinbesteko materialarekin ari ziren eskalatzen, ohi duten moduan. Bateriari eusteko, komunikazio laburrak baino ez zituzten egiten satelite bidezko telefonoarekin. Abuztuaren 30ean egin zuten azken komunikazioa. Geroztik, ez zen albisterik, eta, egunak aurrera joan ahala, kezka areagotzen ari zen. Nilov eta Golovtxenko denboraldiz kanpo ari ziren eskalatzen; Karakorumeko mendietan geratzen ziren azkenak ziren.
Gasherbrum IV. mendiaren hego-ekialdeko ertzaren ikuspegia. Alpine Journal
Bi errusiarrek abuztuaren 18an utzi zuten kanpaleku nagusia. Egun pare baten buruan, izotz jauzi erraldoi bat gainditu, eta hego-ekialdeko ertzaren oinarriraino eraman zuten denda, beharrezko guztiarekin. Abuztuaren 21ean ekin zioten ertza eskalatzeari. Abuztuaren 22an lehen gaua igaro zuten, 7.000 metroz goitik. Hurrengo egunetan, ertzaren zailtasun handiak zirela-eta, pixkanaka joan ziren metroak irabaziz. Ekaitzak ere harrapatu zituen tartean, eta zenbait egun egon ziren beren denda txikian mugitu ezinik. Azken komunikazioa, esan bezala, abuztuaren 30ean egin zuten.
Dmitri Golovtxenkok eta Sergei Nilovek munduko sokaldirik indartsuenetako bat osatzen zuten. Urrezko bi piolet zituzten (mendian ematen duten garaikur nagusia da urrezko pioleta): bata, Thalay Sagar mendian 2016an zabaldutako bide berriagatik (Dmitri Grigoriev izan zuten sokakide); eta, bestea, 2012an, Muztagh Tower mendiaren ipar-ekialdeko ertzaren lehen igoeragatik (Alexander Lange lagun zutela). 2019an, berriz, berealdiko ahalegina egin zuten Jannu mendiaren ipar-ekialdeko aurpegian. Jaitsiera hil edo bizikoa, epikoa, izan zen. Espedizio hartatik film bikaina sortu zen: The Wall of Shadows (Itzalen horma). Hemen ikus dezakezue trailerra.
|
2023-9-6
|
https://www.berria.eus/albisteak/232470/bidegi-auziko-kereiletako-bat-behin-behinean-artxibatu-du-epaileak.htm
|
Gizartea
|
'Bidegi auziko' kereiletako bat behin-behinean artxibatu du epaileak
|
Autoak dio ez dagoela «behar bezala justifikatuta» delitua gertatu zen ala ez. Aldundiak bi txosten kontrajarri aurkeztu zituen, eta epaileak bigarrena izan du kontuan.
|
'Bidegi auziko' kereiletako bat behin-behinean artxibatu du epaileak. Autoak dio ez dagoela «behar bezala justifikatuta» delitua gertatu zen ala ez. Aldundiak bi txosten kontrajarri aurkeztu zituen, eta epaileak bigarrena izan du kontuan.
|
Azpeitiko (Gipuzkoa) instrukzioko bigarren epaitegiak jakinarazi du Bidegi auziko bigarren kereila behin-behinean artxibatuko duela. Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkeztu zuen, Bildu agintean zenean, AP-1 autobidearen eraikuntzan diru publikoa oker erabiltzea eta agiriak faltsutzea egotzita. «Ez dago behar bezala justifikatuta auzia eragin duen delitua egin izana», dio autoak.
Artxibatu berri duten kereilan bost lagun salatu zituen aldundiak, Eskoriatza-Arlaban zatian egindako lanengatik: Bidegiko hiru arduradun —tartean, Bidegiko zuzendari tekniko ohi Agustin Zugasti— eta bi enpresatako kide bana: Eurostudios ingeniaritzakoa, eta OHL eta Ferrovial enpresa eraikitzaileetakoa. Aldundiak adierazi zuenez, diru publikoko 17,1 milioi euro oker erabiltzeagatik, eta tuneletako lanen ordainketetan dokumentuak faltsutzeagatik.
Argudio horiek guztiak, baina, aldundiak aurkeztutako lehenbiziko txostenean jasotakoak dira, Bilduren gobernuak eskatuta enpresa batek egindakoan. Izan ere, 2016an, EAJ eta PSE-EE diputazioan agintean zirela, erakundeak beste txosten bat aurkeztu zuen, lehenaren guztiz aurkakoa. Bi dokumentu kontrajarriak aztertu ditu epaileak, eta ondorioztatu du bigarrenak duela sendotasun handiagoa: «Lekukotzekin eta peritu deklarazioekin egindako dokumentuak agerian utzi du jarduera hauen jatorrizko kereilarekin batera aurkeztutako txostenak inkongruentzia ugari zituela».
Izan ere, lehenbiziko txosten hura egin zuen enpresaren deklarazioa eta bertze hainbat lekukotza jasotzen ditu bigarren dokumentuak, eta horiek determinatu dute epailearen erabakia. Batetik, lehenbiziko txostena egin zuen enpresak onartu zuen ez zutela aztertu kereilak «exekutatu gabekotzat» zituen zortzi diru sailak Arlaban aldi baterako enpresa elkarteak egin zituen ala ez. Bertzetik, hainbat lekukok azaldu zuten lanak egin bitartean «zailtasunak» izan zituztela, eta horiekin lotu dituzte obren gainkostuak. Autoak aipatzen du, adibidez, 34 hilabete iraun behar zutela lanek, baina azkenean 70 behar izan zituztela, bikoitza. Horrez gain, «aparteko gorabehera asko» ere izan zituztela dio: «Ia 140 luizi; Nebrako ibaiak eragindako uholdeak; ziurtagirietako akatsek eragindako arazoak; anhidritak; eta martxoaren 11n Madrilen izandako atentatuen ondorioz, lehergailuak zaintzeko araudi aldaketak».
Horregatik guztiagatik epaileak ondorioztatu du ezin dela «frogatutzat jo —zantzurik ere ez dago— lanak egiteko aurrekontu kopuru jakin bati iruzur egin zitzaion ala ez Gasteiz/Gasteiz-Eibar AP-1 autobidean, Arlaban-Eskoriaza iparraldeko tartean». Hala, kasua behin-behinean artxibatu badu ere, bost egun daude apelazioa aurkezteko.
«Txosten inpartziala»
Egoera ikusita, EH Bilduk «txosten inpartzial» baten beharra azpimarratu du. Gaur zabaldutako ohar batean adierazi duenez, alderdiak «behin eta berriz» eskatu du hirugarren dokumentu hori: «Guardia Zibilaren UCOk eta Ertzaintzaren Delitu Ekonomikoen Unitateak ez dute ikerketa konplexu hori egin, ezintasun materiala argudiatuta». 2021ean, baina, peritu txosten bat eskatu zuten, baina aldundiak prozedura artxibatu zuen. Orain, berriz, epaitegiak dio ez dela bertze txosten bat behar, «aurrekontu kostuaren desproportzionaltasuna» argudiatuta.
EH Bilduren iritziz, diputazioak eta Azpeitiko Epaitegiak ez dute «kasua argitu nahi»: «Kasu hau modu faltsuan ixteak esan nahi du herritarrei egia ezagutzeko eskubidea eta berme guztiak dituen prozesu baterako eskubidea kentzen zaiela». Horrez gain, datozen egunotan aztertuko dute autoari helegitea jarriko dioten ala ez.
Badira autoa begi onez ikusi dutenak ere. Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak, adibidez, adierazi du erabakiak, behin-behinekoa bada ere, «Gipuzkoako erakundeen eta langileen izen ona berresten» duela. Lehenbiziko txostena egiteko «datu okerretan eta omisioetan» oinarritu zirela gogoratu du: «Politikan denak ez du balio, eta are gutxiago pertsonen ohorearen eta erakundeen sinesgarritasunaren aurka egiteak».
<strong>Lehenbiziko kereila</strong>
Zehazki, Bidegi auzia 2014an hasi zen, Gipuzkoako Foru Aldundiak orduan aurkeztu baitzuen lehenbiziko kereila, Bildu agintean zela. Hiru lagun salatu zituzten: Zugasti, Eptisa-Cinsa ingeniaritzako langile bat eta Laurena aldi baterako enpresa elkarteko bertze bat. Arrasate-Eskoriatza zatian egin zituzten lanak.
Salatu zuten agiriek adierazten zutela Basagoitiko lur biltegia beteta zegoela, baina ez zela hala. Horrez gain, lur mugimenduei buruzko agiriak ere okerrak zirela salatu zuten. 3,4 milioi eurorena da ustezko iruzurra. Zati horretako tuneletako lanak egin gabe 10,3 milioi ordaindu zituztela salatu zuten. Lehenbiziko kereila auzitegien esku dago oraindik.
|
2023-9-6
|
https://www.berria.eus/albisteak/232471/hondarribian-atzo-izandako-bi-sexu-eraso-salatu-ditu-udalak.htm
|
Gizartea
|
Hondarribian atzo izandako bi sexu eraso salatu ditu udalak
|
Elkarretaratzera deitu du gaurko, 18:00etarako, Martxoak 8 plazan.
|
Hondarribian atzo izandako bi sexu eraso salatu ditu udalak. Elkarretaratzera deitu du gaurko, 18:00etarako, Martxoak 8 plazan.
|
Hondarribiko Udalak (Gipuzkoa) ohar bidez jakinarazi du atzo bi sexu eraso izan zirela herrian. Udalak erasoak salatu ditu, eta ohartarazi pertsona guztiek dutela eskubidea jaiak «modu librean bizitzeko», eta ez dutela eraso sexistarik edo homofoborik onartuko. Erasoak salatzeko elkarretaratze batera deitu du udalak gaurko; 18:00etan izango da, Hondarribiko Martxoak 8 plazan.
Bihar hasiko dira Hondarribiko jaiak, eta udalak prestatua du sexu erasoei aurre egiteko plana. Besteak beste, erasoen aurkako guneak indartuko ditu jaietan, eta informazio gune bat jarriko du San Pedro kalean, artatze puntu bat Itsas Etxean, eta arretarako telefono zenbaki bat (688718797) herritarrentzat erabilgarri izango dena egun osoan.
|
2023-9-6
|
https://www.berria.eus/albisteak/232472/emakumezko-etxegabe-bat-hilda-aurkitu-dute-barakaldoko-kutxa-automatiko-batean.htm
|
Gizartea
|
Emakumezko etxegabe bat hilda aurkitu dute Barakaldoko kutxa automatiko batean
|
Berri Otxoak elkarteak gertatutakoa salatuko du ostiralean, 11:00etan, Santa Teresa plazan.
|
Emakumezko etxegabe bat hilda aurkitu dute Barakaldoko kutxa automatiko batean. Berri Otxoak elkarteak gertatutakoa salatuko du ostiralean, 11:00etan, Santa Teresa plazan.
|
42 urteko etxegabe bat hilda aurkitu zuten larunbatean Barakaldoko (Bizkaia) kutxa automatiko batean. Emakumezkoa zen, Bilbokoa. Barakaldoko Udaltzaingoa hasi zen kasua ikertzen, baina, orain, Ertzaintza ari da lanean. Azaldu dutenez, gorpua Auzitegi Medikuntza Institutuan dago; heriotzaren kausak ikertzen ari dira.
Hildako emakumea omenduko du Bestebi egoitza inklusioaren eta etxegabetasuna desagerraraztearen aldeko plataformak bihar, Herriko Plazan, 11:00etan. Era berean, gertatutakoa salatuko du Berri Otxoak pobreziaren eta bazterketa sozialaren kontrako elkarteak ostiralean. Bagatza auzoko Santa Teresa plazan elkarretaratzera deitu du, 11:00etan. Etxebizitza duina izateko eskubidea aldarrikatuko dute, eta «prekaritate eta murrizketa hiltzaileak» salatuko dituzte.
Berri Otxoak elkarteak eta Argitan emakumeentzako aholku etxeak uztailean salatu zuten Barakaldoko Udalak itxi egin duela kalean bizi diren emakumeentzako aterpetxea. Zentroa Arrontegi auzoan zegoen, eta sei emakumerentzako tokia zuen. Eusko Jaurlaritzak ekainaren 30era arteko diru laguntza eskaini zuen hura martxan jartzeko. Epe hori amaituta, itxi egin zuten aterpetxea.
Dutxa hartzeko aukerarik ez
Nafarroan ere salatu dituzte etxegabeek pairatzen dituzten arazoak. «Gaur egun, Iruñean, kalean dauden pertsona gehienek ez dute dutxatzeko aukerarik», kritikatu du Iruñeko Paris 365 jangela solidarioak. Azaldu dutenez, maiatzera arte, etxegabeek Caritasek kudeatutako San Miguel zentroan hartzen zuten dutxa, eta arropa doan garbitzeko aukera ere bazuten. Hilabete horretan, baina, zentroa itxi zuten. Ordutik, etxegabeek ez dute dutxa hartzeko aukerarik.
Arazoa «larriagotu» egin da udan. Paris 365ek gogoratu du abuztuaren 18tik 24ra bitartean tenperaturak 42 gradura heldu zirela, eta minimoak ez zirela 25 gradutik jaitsi gau batzuetan. «Izerdi etengabeak, freskatzeko ezintasunak eta arropa garbitzeko zein lehortzeko aukerarik ezak erabiltzaileei sarna, onddoak eta infekzioak eragin dizkie».
Zentroa itxi zutenetik, Iruñeko Udalak ez du beste zerbitzurik eskaini. Eta, jangelak azaldu duenez, pertsona horiek oso gutxitan izaten dute zerbitzu horiek ordaintzeko behar adina diru: «Dutxatzea 1,05 euro da; oihala 0,40; xaboia beste 0,40; arropa garbitzea 5,65 euro; eta, lehortzea beste 5,65». Hori dela eta, Paris 365ek erabaki du bere gain hartuko duela kalean dauden erabiltzaile guztien hiru dutxaren eta asteko arropa garbitu eta lehortzearen kostua. Era berean, Iruñeko Udalari exijituko diote bertan bizi diren «herritar guztien oinarrizko beharrez» ardura dadin.
|
2023-9-6
|
https://www.berria.eus/albisteak/232473/berdela-ur-hotzagoen-bila.htm
|
Ekonomia
|
Berdela, ur hotzagoen bila
|
Aztiren ikerketa baten arabera, itsasoa gradu bat berotzen den gradu bakoitzeko berdelak 370 kilometro iparralderantz eramaten du errutea. Txitxarroak, berriz, hamabi egun aurreratzen du ugalketa.
|
Berdela, ur hotzagoen bila. Aztiren ikerketa baten arabera, itsasoa gradu bat berotzen den gradu bakoitzeko berdelak 370 kilometro iparralderantz eramaten du errutea. Txitxarroak, berriz, hamabi egun aurreratzen du ugalketa.
|
Oso kezkatuta azaldu ziren udaberrian euskal arrantzaleak, berdela arrantzatzeko zailtasunak zirela eta. Arrain hori harrapatzeko amua erabiltzen duten itsasontziek kuotaren erdia ere ez zuten bete ahal izan. Harrapaketa hobeak izan zituzten ainguraketako ontziek —kuotaren %90 bete zuten—, baina denek esan zuten berdela bere ohiko ibilbideak eta jokabideak aldatzen ari dela.
Arrantzaleen galderei erantzun bat eman nahi diezaieke Aztik 1992an hasi eta gaur kaleratu duen azterketa batean. Haren arabera, itsasoaren berotzeak iparralderantz eramaten ari da berdela, gero eta gehiago, eta txitxarroaren ugalketa ere aztoratu du.
Zentro teknologikoko ikerketa talde horrek bi espezie horien migrazio eta biologia aldaketak aztertu ditu, eta ondorioztatu du itsasoa berotzen den gradu bakoitzeko berdelak 370 kilometro iparralderantz eramaten duela bere arrautzen errutea. Txitxarroari dagokionez, tenperaturaren igotzeak hamabi egun inguru aurreratzen du ugalketa.
Aztik azaldu duenez, arrautzak erruten dituzten sasoia «kritikoa» da berdelaren eta txitxarroaren bizitzan.
Edonola ere, Aztik nabarmendu du bi espezie horien migrazioetan ikusitako aldaketak «arinak» direla. Horregatik, «ez dirudi aldaketa horiek berdelaren eta txitxarroaren arrantza aldatzen dutenik Bizkaiko golkoko ontzientzat».
Ikerketa zentroak bi espezieak aztertzen jarraituko duela agindu du, «klima aldaketaren aurreikuspenek adierazten baitute ozeanoa orain arte ikusi baino gehiago berotu dela».
|
2023-9-6
|
https://www.berria.eus/albisteak/232474/apple-amazon-eta-meta-bruselaren-zerrenda-beltzean.htm
|
Ekonomia
|
Apple, Amazon eta Meta, Bruselaren zerrenda beltzean
|
Merkataritza elektronikoaren lege berrira egokitzeko eskatu die Europako Batzordeak sei enpresa erraldoiri. Sei hilabeteko epea izango dute baldintzak betetzeko edo helegitea aurkezteko.
|
Apple, Amazon eta Meta, Bruselaren zerrenda beltzean. Merkataritza elektronikoaren lege berrira egokitzeko eskatu die Europako Batzordeak sei enpresa erraldoiri. Sei hilabeteko epea izango dute baldintzak betetzeko edo helegitea aurkezteko.
|
Europako Batzordeak argitu du zein den Interneteko enpresa erraldoien bere zerrenda beltza: merkataritza elektronikoari buruzko arau berriak bete beharko dituzten enpresak zeintzuk diren jakinarazi du. Denera, sei enpresa sartu ditu zerrendan: Alphabet, Amazon, Apple, ByteDance, Meta eta Microsoft. Bruselak uste du enpresa horiek nahikoa indar badutela merkatuaren oreka baldintzatzeko. Bada, sei hilabeteko epea eman die legeak ezartzen dituen baldintzak betetzeko edo arauaren aurkako helegitea aurkezteko.
Urtebete da Europako Batzordeak merkataritza elektronikoari buruzko arauak eguneratu zituela. Bi lege onartu zituen zehazki Interneteko atari handiek merkatuan duten «kontrol egoera» murrizteko eta lehia orekatzeko: Zerbitzu Digitalen Araua (ZDA) eta Merkatu Digitalen Araua (MDA). Lege horiek aukera ematen diote batzordeari isunak jartzeko, uste badu enpresa batek merkatuaren lehia oztopatzen duela. Monopolio jarduna duela berretsiko lukeen ikerketarik gabe zigortzeko ahalmena ematen dio, gainera. Haien mundu osoko fakturazioaren %20 ere izan liteke isuna.
Izan ere, orain arte ez bezala, enpresek aurretiaz bete beharko dituzte aurkako baldintza batzuk. Esaterako, azken hiru urteetan 7.500 milioi euroko fakturazioa izatea Europako Batasuneko herrialdeetan, edo gutxienez 45 milioi erabiltzaile aktibo izatea, eta 10.000 enpresa erabiltzaile. Arestian aipatutako enpresek betetzen dituzten baldintzak horiek guztiak.
Gaurtik, Europako Batzordeari jakinarazi beharko diote konpainiek beste enpresa bat erosi nahi dutenean, eta Bruselarekin harremana izango duen bitartekari bat izendatu beharko dute. Izan ere, gehienak AEBetakoak dira, eta Europako egoitza Irlandan izan ohi dute.
Zehazki, atari horiek ematen dituzten 22 zerbitzuk bete beharko dituzte monopolioaren aurkako legearen baldintzak: Facebook, Instagram, Tiktok eta Linkedin sare sozialek, Whatsapp eta Messenger mezularitza sistemek, Youtube bideo plataformak, Google bilatzaileak edota Chrome eta Safari nabigatzaileek. Baita iOS, Android eta Windows sistema operatiboek, aplikazioak erosteko atariek (App Store, Google Play), eta Googleren, Amazonen eta Metaren publizitate tresnek ere.
Aldiz, arautik kanpo geratu dira Bing bilatzailea, Edge nabigatzailea, Apple iMessage mezularitza zerbitzua, Appleren tabletako sistema operatiboa, edota Gmail eta Outlook posta zerbitzuak. Dena den, ikerketa bat abiatu du jakiteko ea horiei ere arauaren baldintzak betearazi behar zaizkien edo ez.
Merkataritza elektronikoaren arauak debekatu egiten die enpresei beren zerbitzu jakin baten bidez eskuratutako datuak beste zerbitzuekin lortutakoekin bateratzea. Alegia, Metak ezingo du Facebook bidez eta Whatsapp bidez lortutakoa bateratu. Era berean, ezingo dituzte erabiltzaileak behartu konpainiaren aplikazio jakin batzuk beren gailuetan instalatuta izatera. Finantza erakundeek ordainketa zerbitzu alternatiboak eskaini ahal izango dituzte, halaber.
|
2023-9-6
|
https://www.berria.eus/albisteak/232475/aurtengo-ekaina-uztaila-eta-abuztua-inoiz-erregistratutako-beroenak-izan-dira.htm
|
Mundua
|
Aurtengo ekaina, uztaila eta abuztua inoiz erregistratutako beroenak izan dira
|
Munduko Meteorologia Erakundeak kaleratutako txostenaren arabera, abuztuko batez besteko tenperatura 1,5 gradu altuagoa izan da industriaurreko garaikoa baino. Antartikako itsas izotzaren hedadura minimo historikoetan dago. NBEk herrialde aberatsei eskatu die bizkortu dezatela irtenbide klimatikoa.
|
Aurtengo ekaina, uztaila eta abuztua inoiz erregistratutako beroenak izan dira. Munduko Meteorologia Erakundeak kaleratutako txostenaren arabera, abuztuko batez besteko tenperatura 1,5 gradu altuagoa izan da industriaurreko garaikoa baino. Antartikako itsas izotzaren hedadura minimo historikoetan dago. NBEk herrialde aberatsei eskatu die bizkortu dezatela irtenbide klimatikoa.
|
Berotze globalak eragindako muturreko ondorioek ez dute etenik. Munduko Meteorologia Erakundeak argitaratu du txostena, Copernicus zerbitzuak kaleratutako datuekin, eta, horren arabera, inoiz erregistraturiko hiruhilekorik beroena izan da azken hau munduan. Hain zuzen, aurtengo abuztua 1,5 gradu beroagoa izan da, batez beste, industriaurreko —1850-1900 bitartean— garaian baino, eta historiako hilabeterik beroenetan bigarrena izan da, aurtengo uztailaren ondotik.
Ekaineko, uztaileko eta abuztuko tenperaturak jaso ditu EB Europako Batasunak klima aldaketa aztertzeko sorturiko zerbitzuak, eta, horren arabera, aurtengo lehen seihilekoa inoiz erregistraturiko beroenetan bigarrena izan da, 2016koaren ondoren.
|
2023-9-6
|
https://www.berria.eus/albisteak/232476/etbk-koska-bat-gora-egin-nahi-du-entretenimendu-eskaintzan.htm
|
Bizigiro
|
ETBk koska bat gora egin nahi du entretenimendu eskaintzan
|
ETB1ek Zinea Zetaz, Ztanda, Bikote bionikoa eta Lotsagabea saioak estreinatuko ditu. ETB2ra beste saio berri iritsiko dira.
|
ETBk koska bat gora egin nahi du entretenimendu eskaintzan. ETB1ek Zinea Zetaz, Ztanda, Bikote bionikoa eta Lotsagabea saioak estreinatuko ditu. ETB2ra beste saio berri iritsiko dira.
|
ETBren telebista eskaintzak koska bat gora egin nahi du entretenimenduan. Horrekin batera, aktualitatea eta emakumeen kirola izango dira denboraldi berriaren oinarri nagusiak. Hala azaldu du gaur Gasteizen ETBko zuzendari Unai Iparragirrek, programetako aurkezle eta gidariekin batera.
Berrikuntzen artean, Itziar Ituño eta Eneko Sagardoi aktoreek Zinea Zetaz saioa aurkeztuko dute ostegun gauetan. Euskal Herriko hainbat film emango dituzte saio horretan, eta emanaldiaren aurretik aurkezpen batzuk egingo dituzte Ituñok eta Sagardoik. Programaren lehen denboraldian film hauek emango dituzte: Nora (Lara Izagirre, 2020); Ane (David Perez Sañudo, 2020); Bazen behin Euskadin (Manu Gomez, 2021); Ilargi guztiak (Igor Legarreta, 2020); Handia (Jon Garaño eta Aitor Arregi, 2017); eta Oreina (Koldo Almandoz, 2018).
Entretenimenduzko bi saio berri estreinatuko ditu denboraldi honetan ETB1ek: Bikote bionikoa eta Lotsagabeak. Aurrenekoan protagonistak Mikel Perez eta Iñigo Agirre izango dira. Zientifikoki giza gorputzaren mugak zein diren erakutsiko dizkiete ikus-entzuleei, eta, horretarako, askotariko probak gainditu beharko dituzte. Lotsagabeak saioari dagokionez, ehun gazte ariko dira lehian 10.000 euroko saria irabazteko itxaropenarekin. Miren Nogales eta Iker Galartza izango dira saio horretako aurkezle eta esatariak. Epaile lanetan, berriz, Odei Jainaga atleta eta Aiora Enparantza aktorea arituko dira.
Beste mota bateko lehia izango da Ztanda saioan. Talent show horretan, kanturako dohainak erakutsi beharko dituzte parte hartzaileek. Hautaprobak egiteko deialdia zabalik da, eta saioa urrian estreinatuko du ETB1ek. Aurkezlea Barbara Goenaga aktorea izango da.
Aurreko denboraldian euskarazko kateak eman zituen hainbat saio datozen asteetan itzuliko dira programaziora: Mihiluze lehiaketak, esate baterako, astelehenean hasiko du denboraldia plato berriarekin eta proba berriekin; Piztu Telebista gaur bertan itzuliko da; Go!azen telesailaren hamargarren denboraldia azaroan hasiko da; astegunetan ikusi ahalko dira Biba zuek!, Txoriene eta Joseba Argiñano Sukalerrian saioan; eta asteburuetan, Arte[faktua] literatur saioa, Hitzetik hortzera bertsolaritza programa, Teknopolis zientzia eta teknologia saioa eta Oholtzan musika emanaldien tartea.
Kirolak, ohiko moduan, presentzia nabarmena izango du euskarazko katean. ETBk iragarri duenez, emakumeen kirola izango da denboraldi honetako apustu nagusia. Emakume kirolariei buruzko erreportaje eta podcast bereziak egingo dituzte, Basque Team taldekoekin batera. Futbol, saskibaloi eta eskubaloiko lehen mailako emakumezkoen partidak emango dituzte, baita Emakume Master Cup eta Woman Winter Series txapelketak ere. Europako lehiaketetan parte hartuko duten emakume taldeen norgehiagokak ere euskarazko katean ikusi ahalko dira datozen hilabeteetan. Gizonezkoen Winter Series zesta puntako txapelketaren hirugarren edizioa udazken-negu partean emango dute.
Bost saio beri ETB2n ETB2 katean ere makina bat berrikuntza izango dituzte denboraldi honetan. Lehen ere badira sukaldaritza programak, baina beste berri bat estreinatuko dute: Oído Cocina, Aitana Avila sukaldariak gidatuta —hiru bikote lehiatuko dira, eta bikoteko kideetako bat ez da batere trebea kozinatzen—.
Julian Iantzik, TVEko Conquis aurkezteaz aparte, ETB2n Esta casa es una mina lehiaketa berria aurkeztuko du. Yolanda Alzola, Ahikar Azkona eta Mario Campoy ere saio horretan ariko dira.
Juanma Lopez Iturriagak La Caza izeneko reality berria aurkeztuko du. Talent show berezi bat ere estreinatuko dute: 12 Líderes, Helena Resanoren eskutik.
Ane Ibarzabalek eta Diego Ayusek, berriz, Quédate con Ane zuzeneko magazin berria gidatuko dute. Iñigo Segurolaren baratzea eta Javi Riveroren errezetak tartekatuko dituzte saio berrian.
Akelarre saioak jarraitu egingo du, baina errotik aldatuko dute. Izan ere, denboraldi honetan programako aurkezleak Ana Goitia eta Nerea Garmendia izango dira
|
2023-9-6
|
https://www.berria.eus/albisteak/232477/kontseiluak-eskatu-du-jauzi-bat-egiteko-hezkuntzako-hizkuntza-politiketan.htm
|
Gizartea
|
Kontseiluak eskatu du jauzi bat egiteko hezkuntzako hizkuntza politiketan
|
Euskalgintzaren Kontseiluak hezkuntzaren inguruko azterketa nazionala egin du. Besteak beste, esan dute EAEko Hezkuntza Legeak euskara gehiago behar duela, eta baxoa euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatu dute.
|
Kontseiluak eskatu du jauzi bat egiteko hezkuntzako hizkuntza politiketan. Euskalgintzaren Kontseiluak hezkuntzaren inguruko azterketa nazionala egin du. Besteak beste, esan dute EAEko Hezkuntza Legeak euskara gehiago behar duela, eta baxoa euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatu dute.
|
Astelehenean egin zuten eskola sartzea Ipar Euskal Herriko milaka ikaslek, eta bihar hasiko dira ikasgeletara itzultzen Hego Euskal Herrikoak. Ikasturte hasiera horretan, Euskalgintzaren Kontseiluak euskaraz ikasteko eskubideari eta ezintasunei erreparatu die, hezkuntzaren inguruko azterketa nazional bat kaleratuta. Haien esanetan, hezkuntza sistema funtsezko elementua da hizkuntza gutxitu baten berreskuratze, normalizazio eta biziberritze prozesuan, transmisioa bermatzeko bidea baita. Halaber, iruditzen zaie euskararen normalizazio eta biziberritze prozesu horretarako hizkuntza politiketan jauzi bat ezinbestekoa dela, baita hezkuntzan ere: «Hiru errealitate desberdin ditugu hezkuntzan hizkuntzaren auziari eta euskararen normalizazioari dagokienez. Hala ere, aldeak alde, hiruretan ezinbestekoa da jauzi bat egitea, egungo egoerari eta etorkizuneko erronka handiei aurre egiteko».
Hiru errealitateak banan-banan aztertu dituzte oharrean. Arabari, Bizkaiari eta Gipuzkoari dagokionez, alderdi baikorrari erreparatuta, nabarmendu dute azken 40 urteetan euskararen normalizazioan eta biziberritzean egin diren urratsen bermerik handienetakoa hezkuntza sistema izan dela. Gainera, nabarmendu dute derrigorrezko mailetan eskolatutako ikasle ia denek dutela euskararekin harremana, kasu batzuetan «gutxienekoa» bada ere.
Hori aurkia. Eta ifrentzua? «Euskararen ezagutzan aurreratutako horrek ez du zuzenki eragiten erabileran». Erantsi dutenez, eskolatze osoa D ereduan egin duten hainbat ikaslek ez dute lortzen bizimoduko arlo guztietan euskaraz «eroso» aritzeko adinako gaitasuna. Gainera, hain esanetan, zenbait D ereduk zailtasunak dituzte «egiazko D eredu» izateko. Eta salatu dute Euskal Herrira iritsi berri direnetako «asko» A eredura bideratzen dituztela. Uste dute digitalizazioak eta globalizazioak ere badutela eragina: «Joera da hizkuntza hegemonikoak are eta hegemonikoago egiten ari direla, eta gutxituak are eta gutxituago». Horiek horrela: «Euskarak, osterantzeko hizkuntza gutxituek bezala, politika publiko indartsuak eta ausartak behar ditu datozen hamarkadetan bizirik eta noranahiko iraungo badu».
Legeari errepara
Ikasturte honetan gertakari garrantzitsu bat ere badago ortzi mugan: EAEko Hezkuntza Lege berria ondu nahian ari dira. Kontseiluak argiki markatu du legeari egindako ekarpenetan beraien irudiko zein izango den euskararen jabekuntzarako bidea: euskara ikasteko eta irakasteko hizkuntza izango duen eredu orokortu inklusiboa, euskal kultura ardatz izango duen euskal curriculuma eta hezkuntza ez-arautua osorik euskaraz garatzea.
Horiek kontuan izanda, Eusko Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarrera bidalitako Hezkuntza Lege proiektuan ikusi dituzte «egokiak» diren alderdiak, hala nola ikasleek eskolatzea amaitzerako B2 maila izatea euskaraz nahiz gazteleraz eta eskola bakoitzak bere hizkuntza proiektua egin beharra. Alabaina, kezkak gaina hartu die: «Helburuak zehatzak diren arren, haietara iristeko bidea erabat lauso dago legean». Horregatik, Kontseiluak argi du lege berriak zehaztasun gehiago behar duela, «euskara gehiago izan dezan, eta, batik bat, euskara gutxien dutenek gehiago izan dezaten».
Nafarroari dagokionez, hasteko, argazki orokor bat egin dute. Eman dituzten datuen arabera, aurten ikasleen %30 inguru hasiko dira D ereduan, %18 A ereduan, eta %52 G ereduan –euskara ez dute irakasgai gisa ere—. Kontseiluak «kezkaz» erreparatzen die datu horiei. Izan ere: «Euskara ardatz duen irakats ereduak, D ereduak, urteak daramatza %30era hurreratzen den langa hori gainditu ezinik geratuta».
Horren atzean egon daitezkeen arrazoiak aletu ditu Kontseiluak. Haien irudiko, galga jarri dute PAI ereduen bidez. PAIn, gaztelera ez ezik, ingelesa edo atzerriko beste hizkuntza batzuk ere erabiltzen dituzte irakas-hizkuntza gisa. Kontseiluaren esanetan, gobernutik PAI «indartu eta sustatu» dute. Gainera, gaitzetsi dutenez, euskararik gabeko ereduetara bideratzen dituzte Nafarroara iritsi berri diren ikasleak. Azkenik, zortzi familiak eskatuz gero D ereduak sortzeko aukera zabalik badago ere, Kontseiluaren esanetan, oztopoak baino ez dizkiete jartzen familiei, «ia ezinezko bihurtzeraino».
Ipar Euskal Herrian, datuei erreparatuta, euskara jasoko duten ikasleak are gutxiago dira. Hain zuzen, eskola umeen %57k ez dute kontakturik izango euskararekin. Hori ikusirik, salaketa egin du Kontseiluak: «Dudarik gabe, ofizialtasunik eza lasta handia da Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan euskarazko ereduetan aurrera egiteko eta hezkuntza bidezko transmisioaren bidez euskararen normalizazioan eta biziberritzean eragiteko». Halaber, nabarmendu dute ofizialtasunik ez edukitzeak berarekin dakarrela euskarazko irakaskuntza aldian aldiko gobernuen eta erabakien menpe egotea.
Azkenaldiko borrokarik garrantzitsuenetako bati ere erreparatu dio Kontseiluak. Azaldu dutenez, udaberrian lortu zuten Seaskako ikasleek brebeta euskaraz egin ahal izatea, baina oraindik frantsesez pasatu behar dute baxoa. Hori ere euskaraz egin ahal izatea exijitu dute. Halaber, eskatu dute Seaskako ikasleak ez direnei ere probak euskaraz pasatzeko aukera ematea, baita sare publikoan euskarazko ereduak zabaltzeko trabak ezabatzea ere.
|
2023-9-6
|
https://www.berria.eus/albisteak/232478/langile-bat-hil-da-urruntildean.htm
|
Ekonomia
|
Langile bat hil da Urruñan
|
Gidatzen ari zen hondeamakina irauli egin da, eta azpian harrapatu du.
|
Langile bat hil da Urruñan. Gidatzen ari zen hondeamakina irauli egin da, eta azpian harrapatu du.
|
Istripu hilgarri bat gertatu da gaur goizean Urruñan (Lapurdi). Lurberri kalean eraikuntza lanetan ari zen hondeamakina txiki bat irauli egin da, eta gidaria azpian harrapatu du.
Lankideek ibilgailuaren azpitik atera ahal izan dute, baina ordurako ez zuen bihotz taupadarik. Hendaiako suhiltzaileak bertaratu dira, eta saiatu dira langilea suspertzen, baina ezin izan dute.
LABek azaldu duenez, gizonak I.D. izena zuen, eta 50 urte zituen. Boli Kostatik iritsi zen 2019an, eta harrezkero mota askotako lanak eginak zituen, «batez ere ABLEen bidez, beti prekaritatean murgilduta». Haren bi seme-alabak eta emaztea Afrikako herrialdean bizi dira.
Gaurko istripuarekin, 34 dira aurten Euskal Herrian lanean ari zirela hildakoak, LABen zenbaketaren arabera. Horietako bi izan dira Lapurdin: martxoan, tailer bateko langile bat hil zen Baionan garaiera batetik erorita, eta otsailean irakasle bat labanaz hil zuten Donibane Lohizuneko eskola batean.
|
2023-9-6
|
https://www.berria.eus/albisteak/232479/hizkuntza-politika-eta-segregazioa-eh-bilduren-zuzenketen-oinarriak.htm
|
Gizartea
|
Hizkuntza politika eta segregazioa, EH Bilduren zuzenketen oinarriak
|
Lege proiektuari aurkeztuko dizkion zuzenketen ildo nagusiak aurkeztu ditu Pello Otxandiano EH Bilduren programa zuzendariak. Otxandianok uste du udazkenean «une erabakigarrian» sartuko dela Hezkuntza Legearen eztabaida.
|
Hizkuntza politika eta segregazioa, EH Bilduren zuzenketen oinarriak. Lege proiektuari aurkeztuko dizkion zuzenketen ildo nagusiak aurkeztu ditu Pello Otxandiano EH Bilduren programa zuzendariak. Otxandianok uste du udazkenean «une erabakigarrian» sartuko dela Hezkuntza Legearen eztabaida.
|
EH Bilduk EAEko Hezkuntza Lege proiektuari aurkeztuko dizkion zuzenketen norabidearen berri eman du gaur Donostian, prentsaurrekoan. Pello Otxandiano EH Bilduren programa zuzendariak azaldu duenez, udazkenean lege horren eztabaida «une erabakigarrian» sartuko da, eta horri begira sei lerro nagusietan sakontzea beharrezkoa dela esan du. Batetik, Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa eskaintzen duten ikastetxeek eskubideak eta betebeharrak dituztela gogoratu du, eta, legeak zerbitzua erregulatu behar duenez gero, azpimarratu du ongi zehaztu beharko lukeela nola bermatu eskubideak betebeharrak betetzen ez direnean. «Egoera demografiko honetan hezkuntza sistemaren eraldaketak eskatzen ditu joko arau garbiak, eta horrek esan nahi du Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa erregulatu egin behar duela».
Horrez gain, EH Bilduk zehaztapen gehiago eskatuko ditu ikastetxeen autonomia bermatzearen inguruan. «Nola ziurtatu sistemaren deszentralizazioa, ikastetxeen autonomia oinarri, hezkuntza kalitatearen hobekuntza sistemikoaren eta ekitatearen mesedetan izango dela?», galdetu du Otxandianok. Haren hitzetan, sistemaren gobernantza mekanismoak definitzea falta da legean.
Bestetik, EH Bilduk uste du euskarri juridikoak definitu beharko direla ikasketak amaitzean ikasleak bi hizkuntza ofizialetan B2 eta atzerriko hizkuntzan B1 mailarekin atera daitezen. EH Bilduren programa zuzendariak azaldu duenez, ereduen eztabaida gaindituta dago, eta helburua izan behar da zehaztea zein den maila horiek erdiesteko behar den hizkuntza politika. «Eztabaida ez da ereduak bai ala ez, baizik zer hizkuntza politika behar den eta zer arkitektura juridikoa eskatzen duen», zehaztu du.
Horrekin batera, segregazioari aurre egiteko herri ituna planteatzeko abagunea dela iritzi dio EH Bilduk, jaiotza tasaren beherakadak eragiten duen lehia albo batera utzita. EH Bildurentzat, egiturazko neurriak behar dira lege proiektuan segregazioa amaitzeko.
Digitalizazioari buruzko hausnarketa ere mahai gainean jarri nahi du koalizioak.«Iruditzen zaigu honetaz gutxiegi hitz egin dela. Norantz eramango gaituen ez dakigun iraultza digital baten aurrean, ez ote da prekauzio printzipioa aplikatu behar hezkuntza legean?», galdetu du Otxandianok.
Azkenik, EH Bilduk uste du udazkenean eskola publikoaren aldeko plan estrategikoa definitzeko garaia izango dela. Otxandianok nabarmendu duenez, ezinbestekoak dira sistemaren eraldaketaren ondoriozko jauzia egitea kalitatean, eskola segregazioaren kontrako planifikazio estrategikoa abiatzea eta «anbizio handiko» inbertsio plana egitea azpiegitura eta ekipamenduetan.
Urriaren 3an bukatuko da Hezkuntza Lege proiektuari zuzenketak aurkezteko epea. Voxek, PP+C’s-k eta Elkarrekin Podemos-Iuk osoko zuzenketak iragarri dituzte, eta EAJ eta PSE-EE lanean ari dira zuzenketak elkarrekin aurkezteko.
|
2023-9-6
|
https://www.berria.eus/albisteak/232480/entzuteko-eta-entzuna-izateko.htm
|
Politika
|
Entzuteko eta entzuna izateko
|
Hernaniko Herritar Foroak bultzatuta, zirkulu errestauratibo batean parte hartu dute udalerriko hamabi lagunek. Kideek esperientziaren berri eman dute lehen aldiz.
|
Entzuteko eta entzuna izateko. Hernaniko Herritar Foroak bultzatuta, zirkulu errestauratibo batean parte hartu dute udalerriko hamabi lagunek. Kideek esperientziaren berri eman dute lehen aldiz.
|
«Hain ertz ezberdinetan ibilitako jendearen bizipen, kezka, nahigabe eta minen ahotsa entzun nahi nuen. Eta uste nuen nik ere, beste guztiek bezala, nire ekarpen txikia egin nezakeela», Juanjo Uriaren hitzak dira. Hernaniko (Gipuzkoa) Biteri kultur etxeko oholtzatik eginak, atzo arratsaldean. Inguruan beste 11 lagun eserita, zirkulu erdi batean. Denak hizlariari so, esanak adi entzuten. Guztiek elkar ezagutzen dute, eta ezagutzen dute bakoitzaren historia. Lehen aldia da, baina, plaza publikoan horren berri ematen dutela, elkarrizketa prozesu errestauratiboak eskaini diena herritarrei plazaratzeko asmoz.
Hernaniko Herritar Foroak «entzute fase bati» ekin zion 2018an, «Hernani anitzak hurbiletik ezagutzeko» asmoz. Hala xehetu zuen Aitziber Blanco bideratzaile eta Lokarriko kide ohiak haren helburua: «Gatazka eta indarkeria politikoak gure herrian eta herritarren arteko bizikidetzan izandako eragina ezagutzea eta ulertzea». Eta horrek emaniko fruituetako bat da iazko maiatzean hamabi herritarrek zirkulu errestauratibo batean parte hartu izana. Rosa Pellejero, Elias Miner, Maddi Ugartemendia, Itziar Egiguren, Leo Lekuona, Jon Navarro, Estefania Morcillo, Juanjo Uria, Iratxe Ugalde, Kepa Pikabea, Felipe Etxeberria eta Lourdes Tranche. Tartean, Herri Batasunako alkate ohi bat, PSE-EEko zinegotzi ohi bat, presoen senideak… Talde plurala, baina Biteri kultur etxean lagun talde gisa aurkeztu zena.
Denak ere Duke Duchschererren gidaritzapean elkartu ziren, Viçens Rul·lan psikologoaren itzulpengintza lana lagun zutela. Duchschererrek beste zenbait gatazka eremutan izandako esperientzia baliatu zuen parte hartzaileentzat «gune seguru bat» eratzeko; non, eta Urnietako (Gipuzkoa) Salestarren ikastetxean. «Gune neutral bat izan zen».
Han elkartu ziren zenbait egunez hamabi lagunak, zenbait galderaren bueltan euren esperientziak kontatu eta gainerakoenak entzuteko. Eta berebiziko garrantzia izan zuen prozesuan azken elementu horrek, entzuteak. Hizlari bakoitzak arreta bereziz entzun behar zion kide bat aukeratu behar baitzuen, ondoren esanak laburtu zitzan.
Minerrek adierazi zuen Morcillo aukeratu zuela hari entzuteko. Preso baten senidea lehena, eta PSE-EEko zinegotzi izana bigarrena. «Kontrapuntua izango litzatekeena; pentsamendu politiko eta bizipen aldetik», azaldu zuen Minerrek. Halere, gehitu zuen hitz egiteak eta entzuteak agerian utzi diela gatazkak bien bizitzak baldintzatu dituela: «Sufritu dugunak elkartzen gaitu erdian».
Morcillok ere adierazi zuen bakoitzaren esperientzia kontatu ahala antzeman zuela afera komun ugari zituztela: «Gure herriko egoera politikoak haurrak ginenetik markatu gintuen. Txanpon beraren bi aldeak ginen: bakoitza posizio politiko batean, baina pertsona bezala izandako emozioak antzekoak ziren».
Halako elkarguneetara, baina, ez ziren bat-batean iritsi. Duchschererek azaldu zuenez, denak elkartu ziren lehen unea «tentsio handikoa» izan zen, eta partaideetako bat «sakonago» hitz egitera ausartu izanak eman zien behar zuten bultzada: «Hunkigarria izan zen nola amaieran esperientzia intimoak kontatzen zizkioten elkarri».
«Zertarako?»
Zirkulua eratu aurretik ere egin ziren urratsak. Izatez, Herritar Foroko kideak gerora zirkuluko partaide izango ziren zenbaitekin banakako elkarrizketak egin zituzten. Hala gogoratu zuen Lekuonak berak eta Tranchek foroko kideekin izandako bilkura: «Babestuak, entzunak, errespetatuak eta baloratuak sentitu ginen». Hilabete batzuk geroago jakinarazi zieten beste zenbait lagunen bizipenak ere jaso zituztela, eta elkartu nahi zituztela.
Taldean elkartzeak, baina, «kezkak» eta «zalantzak» sortu zizkien zenbaiti. Minerrek azaldu zuen ingurukoekin bere bizipenak konpartitzea «onuragarri» izan zaiola, baina prozesuak bestelako galdera batzuk ere sortzen zizkiola: «Non sartu naiz? Zertarako? Norekin topo egingo dut? Ulertuko dute nire egoera?». Kezka horiek, baina, beste zerbaiti egin zioten lekua: «Aberastasun pertsonal batekin ateratzen naiz hemendik».
Ez zuen berehalakoan baietz esan Morcillok ere. Hari Pellejerok, foroko kideak, luzatu zion gonbidapena. «Esan zidanean pentsatuko zuela eta zerbait esango zidala, korapilo bat egin zitzaidan», azaldu zuen Pellejerok. Eta erantzuna pentsatu behar horren arrazoiak eman zituen Morcillok: «Eszeptikoa nintzen. Ez nengoen ziur zerbaitetarako balioko ote zuen, eta gogorra egiten zitzaidan nire bizitzaren zenbait aspektu gogoratzea. Ez nuen nahi niretzat eta nire familiarentzat hain mingarria izan zen iragan batera itzuli».
Halere, Morcillok gaineratu zuen lehen aldia izan zela ezagutzen ez zuten pertsona batzuek «zinegotzi sozialista baten alaba eta zinegotzi sozialista gisa» bizi izandakoaren berri jakin nahi zutela. Horiek hala, baiezkoa eman zuen: «Nire aportazioak Hernaniko bizikidetzari laguntzea posible bazen, zalantzak uxatu eta parte hartu behar nuen».
Beste batzuek, berriz, argiago ikusi zuten hasieratik. «Halako ekimenak beharrezkotzat jotzen nituen lehen, eta beharrezkotzat jotzen ditut orain», azaldu zuen Uriak, eta gehitu «pozez eta ilusioz» hartu zuela gonbita. Kepa Pikabeak ere ez zuen zalantzarik egin. Izan ere, ez da halako esperientzia batean parte hartzen duen lehen aldia. Preso zela izan zituen elkarrizketak biktimekin: «Beti sentitu dut entzuteko beharra». Oraingoan, baina, entzuna ere sentitu da.
Foroko kideentzat ere ez zen erraza izan. «Urduritasun» hitza erabili dute egoera hura deskribatzeko. «Nola lortu bakarka sentitutako hori taldean denak biltzean ematea?». Hori zen Navarrok bere buruari egindako galdera. «Ez da erraza jende aurrean hitz egitea, eta gutxiago gai hauetaz», Pellejeroren esana.
Hala, denak ere «konfort eremutik» atera ziren bilkura haietan, Egigurenen esanetan, eta «etiketak eta klixeak» baztertuta egin zuten, Ugartemendiaren hitzetan. Horrek eman zien bide, «formatu intimo batean», barruan zituztenak atera eta elkar ulertzeko. «Pertsona gisa» hitz egin, eta bizikidetza «posible» dela elkarrekin ikusteko. Hori bileraz bilera lortu zuten, gerturatu ahala, Uriaren arabera: «Erakutsi digu pentsaera eta ibilbide ezberdinetako jendeen artean posible dela elkarlan zintzo eta aberats bat egitea. Bizikidetzaren funtsa da».
Bilkura hartatik «ekintza plan bat» ere atera zuten, eta haren ondorioetako bat da Biteri kultur etxean egindako agerraldia. «Diskrezioz» egindako «elkarrizketa sakon eta zintzoaren» eraginak eta ondorioak herritarrei plazaratzea. «Denok ditugu historia gogorrak, eta denok eman dugu urrats zail baina beharrezkoa», azaldu du Morcillok.
|
2023-9-6
|
https://www.berria.eus/albisteak/232481/euskaradun-gizartearen-etorkizuna-irudikatzen-ari-da-badalab.htm
|
Gizartea
|
Euskaradun gizartearen etorkizuna irudikatzen ari da Badalab
|
Etorkisuneku proiektuaren barruan, beka deialdi bat eta Itzultzeko eskubidea fabula aurkeztu dituzte.
|
Euskaradun gizartearen etorkizuna irudikatzen ari da Badalab. Etorkisuneku proiektuaren barruan, beka deialdi bat eta Itzultzeko eskubidea fabula aurkeztu dituzte.
|
Euskaradun gizartearen etorkizuna irudikatzeko helburuarekin sortu du Badalab hizkuntza berrikuntza laborategiak Etorkisuneku proiektua. Gaur, proiektuaren lehen faseko emaitza –Nerea Arrien idazleak idatzitako fabula– eta bigarren fasea –beka deialdia– aurkeztu dituzte Errenterian (Gipuzkoa).
Gaur aurkeztu duten fabula Etorkisuneku proiektuaren lehen fasean osatu dute. Euskal Herriko jatorri anitzetako dozena bat gazte bildu zituzten, eta galdetu zieten ea nola irudikatzen zuten 2073 urteko euskal gizartea. «Topaketa horretan pozgarria izan zen gazteek etorkizuna euskaraz irudikatzen zutela», adierazi du Leire Palacios Badalab-eko eragileak. Bertan ateratako ideietatik abiatuta osatu du Nerea Arrien idazleak Itzultzeko eskubidea fabula. Izan Sampedrok egindako ilustrazioekin apaindu dute lana. Palaciosek nabarmendu du irakurleari pentsarazi egiten diola fabulak: «Ideia asko biltzen ditu, baina sakontasun handirik gabe. Galderak sortzen ditu».
Etorkizuna «ziurtasunik gabekotzat saltzen» den arren, oso estereotipatua daukagula azaldu du Arrienek: «Etorkizuna teknologiarekin lotzen dugu, eta, euskarari erreparatuta, a bilduaz eta traolaz betetako hizkuntza bat ikusten nuen, sare sozialei lotua, karaktereen tiraniak laburtua». Gazteekin izandako topaketan, ordea, bestelako ideia batzuk jaso zituen: «Sekulako sorpresa izan zen etorkizuna desazkundearekin lotzen dutela jakitea, itzultzearekin. Hortik abiatu nuen kontakizuna». Itzuli hitzak, gainera, adiera ezberdinak hartu ditu ipuinean: «Atzera egitea eta hizkuntzak itzultzea». Idazlearen ustez, itzulpengintzak garrantzi handia hartuko du etorkizunean, «globalizazioak jende eta hizkuntza asko biltzea ekarriko du». Gure iruditerian dagoen etorkizuna «distopia» gisa ikusten du idazleak, eta «utopia» bat irudikatu nahi izan du.
Bestalde, proiektuaren bigarren fasea zein izango den ere argitu dute: beka deialdi bat. Fabularen abiapuntu berdinetik, sormena eta euskararen etorkizuna uztartzea du helburu bekak. Edozein diziplina artistikotako proposamenak, piezak, artefaktuak, gailuak edo hausnarketak aurkeztu daitezke. Baldintza bakarra da euskararen etorkizuna irudikatzea edo horrekin lotura izatea. Guztira lau diru laguntza emango dituzte, bakoitza 1.500 eurokoa. Badalab-ekin batera, Tipi kooperatibak jardun du proiektua lantzen. Tipi-ko kide Ana Abarrategik beka deialdia «oso irekia» dela adierazi du: «Fabula irakurri, inspiratu eta edozein ideia proposa daiteke».
Eskaerak egiteko epea urriaren 15ean amaituko da, eta bakarka zein taldeka egin daitezke. Saridunak urriaren 26an jakinaraziko dituzte, eta abenduaren 31ra arte izango dute proposamena burutzeko tartea. Aurretik, irailaren 23ko 11:30ean, topaketa bat antolatuko dute bekara aurkeztu nahi dutenen zalantzak argitu eta proposamenak fintzeko.
Komunitatea osatzen
Egungo mundu aldakorraren eta azkarraren testuinguruan sortu zuten Badalab duela bi urte. Laborategiaren eta martxan duten proiektuaren helburua etorkizuneko interakzio sistemetan euskararen erabilera bermatzea da. Horretarako, Badalab-ek «galderak, lankidetza, espazioak, tresnak eta esperientzia» ditu ardatz, Goiatz Oiartzabal zuzendariaren arabera.
Etorkisuneku proiektuan parte hartu duten gazteak bi urte horietan sortutako «komunitateko» kideak dira. Izan ere, zuzendariaren hitzetan, Badalab-ek lankidetza puntualak baino gehiago, «elkar elikatzea» du helburu, «komunitatea sortzea». Beraz, aurreko ekintzetan eta proiektuetan parte hartu dutenei eskatu die euskaradun gizartearen etorkizuna irudikatzeko. Ideia horietatik sortu du idazleak fabula, eta ideia horiek izan daitezke inspirazio iturri beka deialdira aurkeztuko dituzten proiektuetarako.
|
2023-9-6
|
https://www.berria.eus/albisteak/232482/ipar-irlandako-gatazka-armaturako-amnistia-onartu-dute-alde-guztiak-kontra-egon-arren.htm
|
Mundua
|
Ipar Irlandako gatazka armaturako amnistia onartu dute, alde guztiak kontra egon arren
|
Ikerketetan kooperatuz gero, hilketengatik akusaturikoek immunitatea jaso ahalko dute. Irlandako Errepublika lege hori auzitara eraman ala ez aztertzen ari da.
|
Ipar Irlandako gatazka armaturako amnistia onartu dute, alde guztiak kontra egon arren. Ikerketetan kooperatuz gero, hilketengatik akusaturikoek immunitatea jaso ahalko dute. Irlandako Errepublika lege hori auzitara eraman ala ez aztertzen ari da.
|
Errepublikanoak kontra daude, baita unionistak ere. Biktimen taldeak ere bai, eta jarrera bera dute Irlandako Errepublikak, gobernuz kanpoko erakundeek eta Europako Kontseiluak, esaterako; eta, halere, Erresuma Batuko Gobernuak aurrera egitea erabaki du, neurriak eztabaida handia eragin duen arren. Ipar Irlandako gatazka armatuaren garaiko hilketen akusatuek amnistia jasoko dute, horiei buruzko ikerketetan kooperatzen badute. Erresuma Batuko Komunen Ganberak gaur eman dio oniritzia lege proiektuari, eta horrek, praktikan, auzipetzeak preskribatzea ekarriko du berekin, beste hainbat ondorioren artean.
Erresuma Batuaren Ipar Irlandarako ministro izan zen Brandon Lewisek (2020-2022) eman zuen amnistia emateko asmoaren berri lehen aldiz, 2021eko uztailean, eta orduan argudiatu zuen «geroz eta argiago geratu» zela «ikerketa kriminalek» ez dutela «esperotako emaitzarik» emango. Ipar Irlandako Polizia Zerbitzua mila kasu baino gehiago aztertzen ari da egun, gehienak duela lau hamarkada gertaturikoak, eta horiek ikertzeko gutxienez hogei urte beharko lituzke; hori kontuan hartuta, eta orain arteko bide judizialen egoerak baloratu ostean, Lewisek adierazi zuen aldaketa bat ezinbestekoa dela «egia eta berradiskidetzea babesteko». Gerora, iazko uztailean, jasandako presioaren ondorioz, baldintza bat jartzea erabaki zuen: ikerketetan kooperatzea.
1970eko hamarkadatik 1998ko bake ituna —Ostiral Santuko Akordioa— sinatu arte 3.500 lagun inguru hil eta 40.000 zauritu zituzten Ipar Irlandan, baina kasu horietako asko oraindik ere argitzeko daude. Gaur onarturiko neurriak Erresuma Batuko armadako soldaduei zein IRA Irlandako Armada Errepublikanoko boluntarioei eragingo lieke —ez diete indulturik emango jada zigorturikoei—, eta helburutzat dauka, Londresen arabera, gatazka armatuaren «legatua lantzea eta berradiskidetzea sustatzea». Horretarako, besteak beste, ICRIR Informazioa Berreskuratzeko eta Adiskidetzerako Batzorde Independentea eratuko dute; talde hori arduratuko da ikerketez, bost urteko iraupena izango du, eta 292 milioi euroko aurrekontu bat kudeatuko du.
Lantalde horrekin aritzea ukatzen dutenek ez dute lortuko egozten dizkieten delituek preskribatzea, eta, beraz, auzipetuak izateko ateak irekita jarraituko du haien kontrako «nahikoa froga badago edo frogak agertzen badira», lege proiektuak jasotzen duenez.
Amnistiaren aferak eztabaida eragin du Erresuma Batuko Parlamentuan ere; batez ere, Lorden Ganberan. Gaur Komunen Ganberara itzuli aurretik, goi ganberan izan zen, eta auzipetzeak preskribatzeko aukera kentzeko zuzenketa bat aurkeztu zuten; azkenean, ordea, hori kentzea erabaki zuten, eta modu horretan iritsi da behe ganberara.
Gainera, onartu berri duten lege proiektuak atea ixten dio ikerketa gehiago hasteari, baina horretan ez dute aldaketarik egin; edonola ere, Alderdi Kontserbadoreak gehiengo osoa du Komunen Ganberan, eta zuzenketa horiek bertan behera utziko zituzkeen, Ipar Irlandarako ministro Chris Heaton-Harrisek joan den uztailean iradoki modura: «Gobernu honek uste du baldintzapeko immunitatea funtsezkoa izango dela informazio kopururik handiena ahalik eta azkarrena biltzeko».
«Antidemokratikoa eta bidegabea»
Sinn Fein eta DUP Alderdi Demokratiko Unionista, Ipar Irlandako bi alderdi nagusiak, Londresek sustaturiko lege proiektuaren aurka agertu dira urteotan. Sinn Feineko presidenteorde Michelle O’Neillek, iragan abuztu amaieran, esan zuen testu horrek «giza eskubideak ukatzen» dizkiela «biktimei eta beren familiei», eta «antidemokratikoa eta bidegabea» dela.
Eta joan den ekainean, kasurako, DUPeko buruzagi Jeffrey Donaldsonek mezu bat bidali zion Erresuma Batuko lehen ministro Rishi Sunaki, lege proiektua bertan behera utz dezala eskatzeko. Horren alde agertu dena, aldiz, Ipar Irlandako Beteranoen Mugimendua izan da, Irlanda iparraldean aritu ziren 200.000 soldadu ohi ordezkatzen dituen taldea.
Badirudienez Londresek ez duela atzera egingo, baliteke Irlandako Errepublikako Gobernuak afera auzitara eramatea. Micheal Martin lehen ministroak Financial Times egunkariari iragan igandean adierazi zionez, aukera hori aztertzen ari dira, gomendio juridikoa eskatu baitute. «Bi aste barru» jasoko dute erantzuna, eta orduan erabakiko dute Giza Eskubideen Europako Auzitegira jo ala ez —Erresuma Batuko Alderdi Kontserbadoreko sektore batzuk horretatik ateratzeko presio egiten ari dira—: «Ez dugu ezer baztertzen. Hau lantzen dugu biktimak gure kezken erdigunean jarrita».
|
2023-9-6
|
https://www.berria.eus/albisteak/232483/euskara-katalana-galiziera-eta-aranera-erabiltzeko-erreforma-erregistratu-dute-espainiako-kongresuan.htm
|
Politika
|
Euskara, katalana, galiziera eta aranera erabiltzeko erreforma erregistratu dute Espainiako Kongresuan
|
PSOE, Sumar, ERC, EH Bildu, EAJ eta BNG taldeek aurkeztu dute ganberako araudia aldatzeko lege erreforma
|
Euskara, katalana, galiziera eta aranera erabiltzeko erreforma erregistratu dute Espainiako Kongresuan. PSOE, Sumar, ERC, EH Bildu, EAJ eta BNG taldeek aurkeztu dute ganberako araudia aldatzeko lege erreforma
|
Salbuespenak salbuespen eta keinuak keinu, hizkuntza gutxituak ikusezin dira Espainiako Kongresuan. Orain arte, debeku izan da gaztelania ez beste edozein hizkuntza erabiltzea ganbera horretako eztabaidetan, osoko bilkuretan edo ekinbideen aurkezpenetan. Egoera hori aldatzeko urratsa eginen dute PSOE, Sumar, ERC, EH Bildu, EAJ eta BNG talde parlamentarioek, kongresuko araudia aldatzeko lege erreforma proposamen bat aurkeztuta. Horren arabera, euskara, katalana, galiziera eta aranera erabili ahalko dira batzorde, bilkura eta eztabaida guztietan, bai ahoz bai idatziz.
Sei indarrek adostutako idazkian —akordiotik at geratu da Junts—, ez dira espresuki aipatzen euskara, galiziera edo katalana. Horren ordez, testuan zehazten da diputatuek aukera izanen dutela «autonomia erkidegoren batean ofizialtasun izaera duten edozein hizkuntzatan» aritzeko. Horrek abagune bat zabalduko luke aranera ere zerrendan sartzeko, baina ez asturiera edo aragoiera, esate baterako.
Alderdion asmoa da erreforma bi asteren buruan onartzea, irailaren 26an eta 27an egitekoa den Alberto Nuñez Feijooren (PP) inbestidura saioan aplikatzeko. Helburu horrekin, presazko bidetik tramitatu dute proposamena eta irakurraldi bakarrean eztabaidatuko dute osoko bilkuran, irailaren 19eko astean.
Trantsizio epe bat, itzultzaileak kontratatzeko
Erreforma aurkeztu duten taldeek gehiengo osoa dute Espainiako Kongresuan, hortaz, uste izatekoa da arazorik gabe onartuko dutela eta berehala sartuko dela indarrean. Une horretatik aurrera, diputatuek nahieran erabili ahalko dituzte hizkuntza horiek. Hala ere, apur bat gehiago itxaron beharko dute idatzizko komunikazioetan ere euskara erabiltzeko. Horretarako, ganberako zerbitzuak «egokitu» beharko dituztela adierazi dute, eta proposamenean zehaztua dago «beharrezko baliabide materialak eta pertsonalak» jarriko dituztela itzulpen eta interpretazio zerbitzuetan.
Sei hilabeteko gehienezko epea ezarri dute aldaketa horiek egiteko, eta denbora horretan, talde politikoek beraiek atxiki beharko dute gaztelaniazko itzulpena.
Proposamena aurkeztu duten taldeen asmoa da «presazko deialdi bat» egitea itzultzaileak behin-behinean kontratatzeko eta entzungailuak erosteko, Feijooren inbestidura saioan jada euskaraz, katalanez, galizieraz edo araneraz aritu ahal izateko. Aurrerago, lehiaketa publikoa eginen dute itzultzaileen lantaldea osatzeko.
Patxi Lopez: «Kultur ondarea defendatzeko betebeharra dugu»
PSOEren iturriek berri agentziek adierazi dietenez, sozialistek ERCrekin eta Juntsekin hartutako konpromisoaren ondorio da kongresuko araudia aldatzeko proposamena. Independentista katalanen babesari esker, Francina Armengol (PSOE) hautatu zuten Kongresuko presidente.
Hain zuzen, PSOEren bozeramaile Patxi Lopezek txalotu egin du erreforma: «Pluraltasunak aberasten du Espainia. Gure herrialdeko hizkuntzek ematen diguten kultur ondarea defendatzeko betebeharra dugu, eta hala egingo dugu», idatzi du X (Twitter) sare sozialean.
Nestor Rego BNGko diputatuak ontzat jo du proposamena, «aspaldiko anomalia demokratiko» bat zuzentzeko aukera emanen duelako: «Ulertezina da ordezkari publiko batek ezin erabiltzea hautatu zuten herritar horiexen hizkuntza».
|
2023-9-6
|
https://www.berria.eus/albisteak/232484/aldaketaren-finala-jokatuko-dute-ansa-iiak-eta-juaneneak.htm
|
Kirola
|
Aldaketaren finala jokatuko dute Ansa II.ak eta Juaneneak
|
Aurrelari urnietarra eta atzelari saldiastarra lehen aldiz ariko dira Buruz Buruko Txapelketako finalean, larunbatean, Galarretan
|
Aldaketaren finala jokatuko dute Ansa II.ak eta Juaneneak. Aurrelari urnietarra eta atzelari saldiastarra lehen aldiz ariko dira Buruz Buruko Txapelketako finalean, larunbatean, Galarretan
|
Aurtengo Erremonteko Buruz Buruko Txapelketari izen bat jarri nahi izanez gero, dudarik ez legoke: aldaketarena litzateke aproposena. Larunbatean jokatuko da finala, Galarreta frontoian (15:30, ETB1), eta aspaldiko partez, ez dira ariko ez Javier Urriza, ezta Endika Barrenetxea ere.
Urrizak aurreko 11 finalak jokatu ditu, eta zortzi txapel irabazi ditu. Barrenetxea IV.a, berriz, aurreko zazpi finaletatik lautan aritu da, guztietan Urrizaren aurka, eta bi txapel jantzi ditu. Baina, oraingoan, bidean geratu dira biak.
Imanol Ansak eta Aritz Juaneneak utzi dituzte bazterrean azken urteetako bi nagusiak. Aurrelari urnietarrak eta atzelari saldiastarrak jokatuko dute finala. Lehen aldia dute biek.
Inoiz ez dute arreta osoa bereganatu urteko egunik handienean, eta horrek «sekulako ilusioa» piztu die biei. «Ikaragarri pozik nago. Urte askoan Donostiako Sagardo Egunarekin bat egin du finalak, eta ni egun horretan lanean aritzen nintzen osabarekin. Lana amaitu ostean, Galarretara etortzen ginen. Gozatu egiten nuen nire idoloak ikusten. Aspaldiko ametsa, nahia eta motibazioa zen egunen batean finala jokatzea. Eta lortu dut. Gainera, Aritzen aurka jokatuko dut; lagun handia dut. Biribil atera da dena», esan du gaur Ansak, pilota aukeraketan.
Iritzi bera du Juaneneak. «Oso berezia da buruz buruko finala jokatzea; denok nahi dugu. Ezustean ariko naiz ni; ez nuen espero halakorik. Imanolek, agian, bai, hark nik baino gehiago prestatzen baitu buruz burukoa. Oso pozik nago; oraindik ez dut erabat sinetsi finalean nagoela».
Ona erremontearentzat
Ansaren ustez, erremontearentzat «ona da» hark eta Juaneneak Urrizari eta Barrenetxeari lekukoa hartu izana. Horri lotuta, Juaneneak azpimarratu du «garrantzitsua» dela beste txapeldun eta txapeldunorde bat egotea.
Biek aitortu dute elkarren aurka jokatu nahi zutela finala, eta elkarri animoak ematen aritu direla. «Jauzi egin nuen Aritzek Endikari finalerdia irabazi zionean. Izugarri poztu nintzen», azaldu du Ansak. Baina segituan jarri zen finalari begira. «Hurrengo egunean neure buruari esan nion finalean ez dagoela lagunik. Txapela nahi dugu biok». Hori dela eta, ia ez dute elkarrekin hitz egin azken egunetan, eta horrela jarraituko dute finala bukatu arte.
Gaur elkartu dira lehen aldiz, eta elkarri xaxatzen aritu dira. «Imanol da faborito, dudarik gabe. Ikaragarri ari da, eta niri egurra eman zidan [30-20]. Iaioa da buruz buru: egungo Masterseko txapelduna da. Ni saiatzen ari naiz hari presioa sartzen; hau esaten, adibidez [barrez]. Hala ere, faborito izateak ez du txapelik ematen. Egun eta ordu jakinean aritu behar da ondo. Ni bete-betean ariko naiz; ahaztuta ditut min denak».
Juaneneak esandakoak ez du ezustean harrapatu Ansa. «Oso ondo ezagutzen dut Aritz. Banekien hori esango zuela. Norberak jartzen dio presioa bere buruari, eta nik gaur Aritz presio gehiagorekin sumatu dut». Halere, onartu du «abantaila» duela bitan aritu baita Masterseko finalean. «Bera ez da inoiz etorri bakarrik final bat jokatzera, eta nik bitan egin dut; azkenekoa, gainera, irabazi egin nuen, eta txapel horrek mesede handia egin dit: neure buruari sinetsarazi diot onenekin aritu naitekeela. Eta txapelketa honetan segida eman diot horri: lehen aldiz irabazi diot buruz buru Urrizari. Arantza nuen, baina hori ere atera dut».
Aukeraketari dagokionez, pilota biziak aukeratu dituzte biek; batez ere, Juaneneak. «Ez dut nahi partida luzatzea. Imanolek sasoi hobea du, eta tanto luzeak harentzat izango dira. Saiatu behar naiz ekimena eramaten, baina zaila izango da, hura aurrelari bizia baita. Arriskatu egin behar dut, eta une oro kontzentrazioa eutsi. Alor horretan aurrerapausoa eman dut; finalerdian ikusi zen. Garrantzitsua izango da tanto erabakigarriak irabaztea».
Ansak adi-adi jarraitu zuen finalerdia, eta «oso argi» geratu zitzaion zer ezin duen egin. «Aritz onena da hanka-geldian. Eroso dagoenean kantxa dominatzen du. Mugiarazi egin behar dut, deseroso egon dadin. Bestela, egurra emango dit».
|
2023-9-6
|
https://www.berria.eus/albisteak/232485/bi-pertsona-kondenatu-dituzte-irunean-tutoretzapeko-hiru-adingabe-prostituitzera-bultzatzeagatik.htm
|
Gizartea
|
Bi pertsona kondenatu dituzte Iruñean tutoretzapeko hiru adingabe prostituitzera bultzatzeagatik
|
39 eta 29 urteko kartzela zigorrak ezarri dizkie epaileak delitugileei
|
Bi pertsona kondenatu dituzte Iruñean tutoretzapeko hiru adingabe prostituitzera bultzatzeagatik. 39 eta 29 urteko kartzela zigorrak ezarri dizkie epaileak delitugileei
|
Nafarroako Probintzia Auzitegiak 39 eta 29 urteko kartzela zigorrak ezarri dizkiete gizon eta emakume banari adingabeak prostituziora bultzatzeagatik. Delituak 2021eko irailean gauzatu zituzten, gizonak Iruñean zuen etxebizitza batean.
Hiru neska adingabe dira biktimak; Nafarroako Gobernuaren tutoretzapean zeuden eta egoitzatik edota harrera familiengandik ihes egiten zutenean joaten ziren kondenatuaren etxebizitzara. Bertan, gizonezkoak sexu harremanak izan zituen nerabeetako batekin, eta gizonak zein emakumeak prostituziora bultzatu zituzten adingabeak. Nerabeetako batek 14 urte bete gabe zituen. Epaileak ebatzi du adingabeen «babesgabetasun» egoera baliatu zutela bi kondenatuek.
Horrez gain, neskei drogak ematen zizkieten sexu harremanak izaterakoan hartzeko zein ordainsari gisa. Epaileak adingabeak prostituziora bultzatzeagatik eta osasun publikoaren aurkako delituagatik zigortu ditu gizona eta emakumea: 29 urteko kartzela zigorra ezarri die. Gainera, gizonari sexu gehiegikeria egotzi dio, hortaz, 39 urteko zigorra jarri dio guztira.
Bestetik, hiru ustezko bezero ere epaitu dituzte. Horietako batek delitua onartu zuen eta bi urteko kartzela zigorra ezarri diote. Gainerako biak errugabetzat jo dituzte; Fiskaltzak eta akusazio partikularrak hamabost urteko zigorra eskatzen zuen haientzat. Adingabeetako batek bezeroetako bat identifikatu zuen, baina epailearentzat frogak ez dira nahikoak.
|
2023-9-6
|
https://www.berria.eus/albisteak/232486/jesus-herrada-nagusitu-da-laguna-negran.htm
|
Kirola
|
Jesus Herrada nagusitu da Laguna Negran
|
Ihesaldian zegoen taldetxotik ihes egin du Herradak azken 300 metroetan, eta bakarrik helmugaratu da. Faborito guztiak elkarrekin iritsi dira.
|
Jesus Herrada nagusitu da Laguna Negran. Ihesaldian zegoen taldetxotik ihes egin du Herradak azken 300 metroetan, eta bakarrik helmugaratu da. Faborito guztiak elkarrekin iritsi dira.
|
Jesus Herradak (Cofidis) irabazi du Espainiako Vueltako 11. etapa, ihesalditik. Egun lasaia izan dute tropelean. Faboritoek ez dute mugitu nahi izan, eta ihesaldiko txirrindulariei utzi diete etapa garaipenaren lehia. Bederatzi txirrindulariren artean jokatu dute garaipena, eta azken 300 metroetan erasoa jo ondoren lortu du garaipena Herradak. Faboritoak elkarrekin helmugaratu dira, eta Sepp Kussek (Jumbo-Visma) jarraituko du lider.
160 txirrindulari abiatu dira Lermatik Laguna Negrara. Kostata aurreratu da taldetxo bat, baina, azkenerako, izen handiko txirrindulariak sartu dira eguneko ihesaldian. Tropelak ez du jakin lehen kilometroetan zuloa ixten, eta denbora aurrera joan ahala handitu egin da aldea. 26 txirrindulari sartu dira ihesaldian, eta horietako bederatzi iritsi dira taldetxoan amaierara.
Ia sei minutuko aldearekin abiatu dute Laguna Negrako azken igoera. Erasoka hasi dira azken mendateko lehen aldapetan, eta Filippo Gannak erritmo zitala ezarri du, Geraint Thomas taldekidearen mesedetan (Ineos). Guztien begiradapean zegoen Galeseko txirrindularia, eta hori probestu du Jonathan Caicedok (Education First) erasoa jotzeko. Eskuetan zeukan garaipena, metro batzuk hartu baititu azken kilometroan zeudela. Baina 300 metro gelditzen zirenean harrapatu du Herradak, eraso gogorra jo ostean. Bakarrik sartu da helmugan espainiarra, eta hirugarren garaipena lortu du Espainiako Vueltan.
Atzeko taldean indarrak gorde dituzte taldeburuek. Etapa gogorrak gelditzen dira oraindik Asturiasen eta Pirinioetan, eta nahiago izan dute saiakera handirik ez egin. Remco Evenepoel (Quick-Stepp) mugitu da azken metroetan, baina ondo itsatsi dira gainerakoak haren gurpilera, eta elkarrekin helmugaratu dira faborito guztiak. Bihar ere egun lasaia izango dute haizerik ezean, eta tropeleko azkarrenek aukera izango dute garaipenaren lehian aritzeko.
|
2023-9-6
|
https://www.berria.eus/albisteak/232487/eskola-garraioko-enpresa-batzuek-bihar-ez-dute-zerbitzurik-emango-araban-eta-bizkaian.htm
|
Gizartea
|
Eskola garraioko enpresa batzuek bihar ez dute zerbitzurik emango Araban eta Bizkaian
|
Eskola publikoetako 10.000 ikasle ingururi eragingo die erabakiak. Hezkuntza Sailak gogorarazi du behartuta daudela zerbitzua emateara, eta ohartarazi du ondorioak egon daitezkeela.
|
Eskola garraioko enpresa batzuek bihar ez dute zerbitzurik emango Araban eta Bizkaian. Eskola publikoetako 10.000 ikasle ingururi eragingo die erabakiak. Hezkuntza Sailak gogorarazi du behartuta daudela zerbitzua emateara, eta ohartarazi du ondorioak egon daitezkeela.
|
Lehertu egin da eskola garraioaren auzia. Garraio enpresak esaten ari ziren zerbitzua kolokan zegoela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Eta, azkenean, gaur arratsaldean hartu dute erabakia: eskola garraioko enpresa batzuek bihar ez dute zerbitzurik emango Araban eta Bizkaian. Erabakiak eskola publikoetako 10.000 ikasle ingururi eragingo die.
Aurretik dator auzia. Iazko ikasturte hasieran ere ezbaian egon zen zerbitzua, baina enpresek ematea erabaki zuten azken momentuan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak % 24,1eko igoera ezarri baitzuen. Alabaina, berriro itzuli dira arazoak. Jaurlaritzak eskola garraiorako ibilbideen lehiaketa egin zuen urtearen hasiera aldera, eta lehiaketara ateratako 467 ibilbidetatik 387 geratu ziren hutsik. Juan Manuel Sierra Direbus garraio enpresen elkarteko harreman instituzionalen arduradunak BERRIAri adierazi zionez, iazko igoera ez dute kontuan hartu azken lehiaketan; aldiz, Hezkuntza Sailak esan izan du ibilbide askok igoera ekonomikoa izan dute aurreko ikasturteko prezioarekin alderatu.
Egoera ikusita, Hezkuntza Saila aurreko ikasturtean ibilbide horiek egin zituzten garraio enpresekin jarri zen kontaktuan, eta galdetu zieten prest egongo ote liratekeen ordura arteko arteko baldintzetan lan horiek egiteko. Horien emaitzak jasota, ibilbide ia denak (%98) esleituta daude Gipuzkoan, baina %17 esleitu zituzten Araban eta batere ez Bizkaian. Horiek horrela, Jaurlaritzak ostiralean iragarri zuen eskola garraioko enpresak ibilbide denak egitera behartuko dituela, agindu baten bidez. Gainera, adierazi zuten enpresak legez kontra jardun izanaren susmoa dutela; alegia, susmoa dutela enpresek elkarrekin hitzarmen bat egin dutela, «administrazioaren kontu etekin handiagoa lortzeko helburuarekin». Hezkuntza Sailak Fiskaltzara joko duela ziurtatu zuen.
Atzo argitaratu zen enpresak zerbitzua ematera derrigortzen dituen agindua, eta garraio enpresek helegiteak jarriko dituzte haren kontra. Hezkuntza Saileko iturriek BERRIAri nabarmendu diote atzo EAEko aldizkari ofizialean argitaratutako agindua «agindu legala» dela eta enpresak behartzen dituela zerbitzua ematera: «Horren kontrako helegiteak jarri ditzakete, baina zerbitzua eskaini behar dute». Hala egin ezean, ohartarazi dute ondorioak egon daitezkeela: «Zerbitzua ez eskaintzeko erabakia hartzen badute, beraiek jakingo dute non sartzen diren, ze legeak jasotzen ditu zigorrak edo hartu beharreko neurriak derrigorrezkoa den arau bat betetzen ez denean».
|
2023-9-6
|
https://www.berria.eus/albisteak/232488/sindikatuek-celsako-plantetan-enplegua-bermatzeko-eskatu-diete-erakundeei.htm
|
Ekonomia
|
Sindikatuek Celsako plantetan «enplegua bermatzeko» eskatu diete erakundeei
|
Adierazi aurrez ez zituztela ezagutzen Celsaren berregituraketa planaren edukiak.
|
Sindikatuek Celsako plantetan «enplegua bermatzeko» eskatu diete erakundeei. Adierazi aurrez ez zituztela ezagutzen Celsaren berregituraketa planaren edukiak.
|
Bazterrak nahasi ditu epaitegiek Celsaren berregituraketa planari eman berri dioten oniritziak, eta Hego Euskal Herriko bi plantetan ordezkaritza duten euskal sindikatuek (LAB, LEKU, ELA eta ESK) erakunde publikoei eskatu diete enplegua eta lantegien jarduera bermatzeko.
Bartzelonako epaitegi batek bide eman zion Celsaren hartzekodunek aurkeztu zuten berregituraketa planari. Dena ondo joanez gero, akzio bilakatuko dira hartzekodunek utzitako dirua eta, beraz, Rubiralta familiak duen zorra, eta dirua utzi zutenak (Deutsche Bank, Anchorage eta Capital Group) enpresaren buru bihurtuko dira.
Gauzak horrela, lau sindikatuek adierazi dute langileak izango dituztela lehentasun, eta nabarmendu dute azken egunetako gertakariek ziurgabetasun giroa sortzen dutela lantegien etorkizunari dagokionez. Hori dela eta, Nervacero eta Celsa Atlantic (Laminaciones Arregui zena) lantegietan jarduna mantentzea eskatu dute, baita enplegua eta langileen lan baldintzak ere.
Jaurlaritzari eskaria
Erakunde publikoei mintzatu zaie, esanez haiek bermatu behar dituztela sindikatuen eskakizunak: «Eusko Jaurlaritzak ezin du bere erantzukizuna saihestu, eta jarrera proaktiboa izan behar du gatazka honetan, Navarcero eta Laminaciones Arreguiko langileen interesak babestuz». Lau sindikatuek bilera bat egiteko eskatu diote Jaurlaritzaren Industria Sailari.
Oraindik ez dago garbi nola garatuko den berregituratze plana, baina Espainiako Gobernuak jada iragarria du negoziatzen hasiko dela hartzekodunekin. Negoziazio horietan sindikatuek parte hartu ahal izatea eskatu dute.
Celsaren hiru plantak
Celsa altzairutegiak hiru lantegi ditu Euskal Herrian: bi Hegoaldean eta bat Iparraldean. Celsa Franceren planta Bokalen dago (Lapurdi); 200 langile ditu, eta Baionako portuaren erabiltzailerik handiena da. Nervacero Trapagaranen dago (Bizkaia), eta hark ditu langile gehien, 329; iaz, bere ekoizpen ahalmenaren %75ean jardun zuen, eta, egun, aldi baterako erregulazioan dago.
Celsa Atlantic da bestea, Laminaciones Arregui zena. Gasteizen dago lantegia, eta 98 langile ditu. Azken hamarkadan nabarmen gutxitu da lantegi horren jarduna eta, beraz, langileen kopurua, 2012an 200 langile baitzituen.
|
2023-9-6
|
https://www.berria.eus/albisteak/232489/emakume-futbolariak-grebara-doaz-bigarren-aldiz.htm
|
Kirola
|
Emakume futbolariak grebara doaz bigarren aldiz
|
Ez da akordiorik izan azkenean sindikatuen eta patronalaren artean, eta liga ez da etzi hasiko. Lehen bi jardunaldietarako da greba deialdia. Sindikatuek 23.000 euroko gutxieneko soldata eskatzen zuten sasoi honetarako. Baina patronalak 20.000 euroko proposamenari eutsi dio.
|
Emakume futbolariak grebara doaz bigarren aldiz. Ez da akordiorik izan azkenean sindikatuen eta patronalaren artean, eta liga ez da etzi hasiko. Lehen bi jardunaldietarako da greba deialdia. Sindikatuek 23.000 euroko gutxieneko soldata eskatzen zuten sasoi honetarako. Baina patronalak 20.000 euroko proposamenari eutsi dio.
|
Espainiako Lehen Maila ez da asteburuan hasiko. Historian bigarrenez emakume futbolariek grebara joko dute. Aste honetako hirugarren bilera egin dute gaur sindikatuek eta patronalak lan bitartekaritzan, eta horretan ere ez zen akordiorik izan. Horrenbestez, ostiralean iragarri zuten bezala, lan itun berriaren negoziaketan akordiorik ez dagoela kontuan hartuta, greba egingo dute. Deialdia ligako lehen bi jardunaldietarako da. Dena den, datorren asteartean beste bilera bat egingo dute.
Iragan ostiralean bidali zuten sindikatuek grebarako idatzia Espainiako Arbitraje eta Bitartekaritza Zerbitzura, eta AFE eta Futpro sindikatuek egoera salatu zuten. «Urtebete daramagu hizketan, baina negoziaketak ez atzera ez aurrera daude, geldituta. Akordio bat lortzeko dauden zailtasunen aurrean, ez dugu beste biderik. Hitzarmen duin eta justu bat lortu nahi dugu jokalarientzat, soldata arrakala gutxitu, eta beste eskubideetan aurrera egiten jarraitu». Astelehenerako iragarri zuten beste bilera bat patronalarekin. Bilera horretan ez zen akordiorik egon, baina beste bi ahalegin egin dituzte.
Duela urtebete hasi ziren sindikatuak eta patronala hitzarmen berria negoziatzen. Gutxieneko soldataren inguruan maiatzean hitz egin zuten sindikatuek jokalariekin. Bozketa bat ere egin zuten. Egun 16.000 euroan dago soldata hori, eta sindikatuek hurrengo proposamena egin zuten hasiera batean hiru denboraldirako: 20.000 euro aurrenekoan, 25.000 bigarrenean eta 30.000 azkenengoan. Patronalarena, berriz hau zen:16.500, 17.500 eta 19.000. Guztiak %100eko partzialtasunarekin. Proposamena erretiratu egin zuen gero.
Atzoko, bileran, arlo horretan gerturatze bat egon zen. Sindikatuei presioa egin nahirik, patronalak, F ligak, eman zuen horren berri. Beren proposamen berria jakinarazi zuten. Horren arabera, kontratuetan partzialtasuna kenduko litzateke. Gutxieneko soldata 18.000 eurora igoko litzateke, eta hiru denboralditan 25.000 eurora igoko litzateke. Diru kopurua zertxobait igo zuten arren, ez zen adostasunik izan. Gaurko bilera ere ez da balekoa izan. Denboraldi honetarako gutxieneko soldata hori 23.000 eurokoa izatea eskatu dute sindikatuek, eta sindikatuek 20.000 eurori eutsi dio patronalak
Baina ez da gutxieneko soldata lan hitzarmenean negoziatu behar duten bakarra. Sindikatuek aurrerapauso gehiago eskatu dituzte, besteak beste, kontziliazioan eta formakuntza eskubideetan. Gainera, sexu abusuen aurkako protokoloa indartzeko eskatu dute, eta neurriak boterekeria kasuen aurrean.
Emakume futbolariek egingo duten bigarren greba da. Kontuan izan behar da 2019ko otsailean sinatu zutela lehen lan hitzarmena Espainiako Ligako emakume futbolariek. Borroka luzea izan zen emakume futbolariena. Izan ere, 2018ko azaroan hasi zituzten negoziazioak. Orduan traba nagusia kontratuen partzialtasuna izan zen. Jokalariek gutxienez %75ekoa izatea nahi zuten, eta patronalak %50ean jarri zuten marra gorria. Negoziazioak aurrera ez zihoazela ikusita, greba egin zuten jardunaldi batean futbolariek.
|
2023-9-7
|
https://www.berria.eus/albisteak/232516/mexikoko-auzitegi-gorenak-abortua-despenalizatu-du-herrialde-osoan.htm
|
Mundua
|
Mexikoko Auzitegi Gorenak abortua despenalizatu du herrialde osoan
|
Konstituzioaren kontrakotzat jo du abortuaren aurkako sistema juridikoa. Argudiatu du «emakumeen eta umeak sabelean hazteko gaitasuna duten pertsonen giza eskubideak urratzen» dituela.
|
Mexikoko Auzitegi Gorenak abortua despenalizatu du herrialde osoan. Konstituzioaren kontrakotzat jo du abortuaren aurkako sistema juridikoa. Argudiatu du «emakumeen eta umeak sabelean hazteko gaitasuna duten pertsonen giza eskubideak urratzen» dituela.
|
Epai historiko bat eman du Mexikoko Auzitegi Gorenak. Erakunde feminista batek aurkeztu zuen babes helegite bat aho batez onartu du, eta, modu horretan, maila federalean, babes konstituzionala eman dio abortatzeko eskubideari. Abortuaren kontra Mexikoko Zigor Kodean dauden neurriak konstituzioaren kontrakoak direla ebatzi du, eta «emakumeen eta umeak sabelean hazteko gaitasuna duten pertsonen giza eskubideak urratzen» dituela argudiatu du.
Erabaki horren ondorioz, Mexikoko Gizarte Segurantzaren Institutuak eta Mexikoko Estatuko Langileen Segurantza eta Gizarte Zerbitzuen Institutuak abortatzeko eskubidea bermatu beharko dute. «Erabaki honen bidez, herrialdeko erakunde federal guztiek zerbitzu hori eskaini beharko dute», adierazi du ohar batean Gire erakunde feministak.
Zehazki, Zigor Kodeko 330., 331., 332., 333. eta 334. artikuluen kontra egin zuten babes helegitean. Horien bidez, espetxe zigorra ezarriko zaie abortatzen dutenei eta abortua egiten duten osasungintzako langileei. Horiek guztiak baliogabetu ditu Auzitegi Gorenak, eta erabakiak atzerako eragina izango du; alegia, espetxean daudenak aske geratuko dira, Milenio egunkariaren arabera.
Auzitegi horrek azken bi urteetan bi aldiz egin du abortatzeko eskubidearen alde, Coahuilan eta Sinaloa estatuetan. Horiek aurrekariak izan ziren, eta gero beste estatu batzuetara hedatu zen neurria. Bart gauean hartu duen erabakiaren bidez, ordea, maila federalera zabaldu da.
|
2023-9-7
|
https://www.berria.eus/albisteak/232517/konpondu-dute-bilboko-metroan-izan-den-matxura-eta-zerbitzua-osorik-ematen-ari-da.htm
|
Gizartea
|
Konpondu dute Bilboko metroan izan den matxura, eta zerbitzua osorik ematen ari da
|
Metro zerbitzua eten egin da goizean Etxebarri eta San Ignazio artean, matxura batengatik. Konponketaren ostean, atzerapenak izango direla ohartarazi dute.
|
Konpondu dute Bilboko metroan izan den matxura, eta zerbitzua osorik ematen ari da. Metro zerbitzua eten egin da goizean Etxebarri eta San Ignazio artean, matxura batengatik. Konponketaren ostean, atzerapenak izango direla ohartarazi dute.
|
Gaur goizean matxura bat izan da Bilboko metroan, eta zerbitzua eten egin da Etxebarri eta San Ignazio geltokien artean. Argindarrean matxura bat izan da, 08:00etan. Bi lineatan eta bi noranzkoetan eragin du, eta, ordu horretan izaten denez bidaiari gehien, nasan utzi ditu milaka erabiltzaile.
09:30ean jarri dute berriro martxan zerbitzuaren zati bat, eta Plentzia eta Kabiezes aldera eta Boluetatik Etxebarri eta Basaurira normal zebiltzan jada metroak. Bolueta eta Indautxu artean, baina, etenda egon da, 12:15ean matxura konpontzea lortu duten arte. Gero, pixkanaka ireki dituzte geltokiak, eta 13:00etan zerbitzua osorik ematen ari zen.
Ohartarazi dute, ordea, atzerapenak izango direla konponketaren osteko lehen orduetan.
|
2023-9-7
|
https://www.berria.eus/albisteak/232518/etxebizitzak-gehiago-garestitu-dira-salerosketak-apaldu-diren-arren.htm
|
Ekonomia
|
Etxebizitzak gehiago garestitu dira, salerosketak apaldu diren arren
|
Nafarroan, prezioak %1,1 handitu dira azken hiruhilekoan, eta %1,5 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
|
Etxebizitzak gehiago garestitu dira, salerosketak apaldu diren arren. Nafarroan, prezioak %1,1 handitu dira azken hiruhilekoan, eta %1,5 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
|
Etxebizitza merkatuaren hirugarren hanka bere kasara doa. Interes tasak bizkor igotzen ari direnez eta inflazioa handia denez, gutxitzen ari da etxebizitzen salerosketa, eta horren eskutik, baita bizitegi horiek erosi ahal izateko herritarrek kontratutako hipotekak ere. Baina behera egin beharrean, gora egiten ari dira prezioak.
Izan ere, INE Espainiako Estatistika Institutuak gaur goizean kaleratu dituen datuen arabera, etxebizitzen prezioak gorantz egiten ari dira etengabe. 2023ko bigarren hiruhileko datuak bildu ditu, eta horiek erakusten dute bizitegiak aurreko hiruhilekoan baino %1,5 garestiago zeudela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %1,1 garestiago Nafarroan.
2022ko bigarren hiruhilekoarekin alderatuz gero, garestitzea are handiagoa da: %5,6 Nafarroan, eta %3 Hegoaldeko beste hiru lurraldeetan.
Nafarroan etxebizitza berriaren prezioa igo da gehien (%2,2, azken hiruhilekoan) eta gutxiago bigarren eskukoa (%0,6). Kontrakoa gertatu da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: %1,6 bigarren eskukoa, eta %0,9 berria.
2007an baino merkeago
Edonola ere, eta nahiz eta etxebizitzak 2014az geroztik urtero garestitu egin diren, burbuila lehertu aurretik baino merkeago daude: %17 merkeago Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %28 merkeago Nafarroan. INEk bildutako batez besteko prezioak dira horiek, eta horrek ez du esan nahi leku jakin batzuetan —hiriburuetan, kostaldeko herri batzuetan...— salneurriak 2007ko maila historikoak gainditu ez dituztenik.
INEren beraren arabera, aurtengo lehen sei hilekoan iazkoan baino %14 hipoteka gutxiago sinatu dituzte Hego Euskal Herriko herritarrek eta bankuek. Etxebizitzen salmenta, berriz, %7,9 txikitu zen tarte horretan. Ekainean %9,3koa izan da jaitsiera.
|
2023-9-7
|
https://www.berria.eus/albisteak/232519/bilboko-gizon-bat-hil-da-espainiako-hondartza-batean.htm
|
Gizartea
|
Bilboko gizon bat hil da Espainiako hondartza batean
|
Ajo udalerriko (Kantabria, Espainia) Cuberris hondartzan gertatu da ezbeharra. Oraindik ez dute argitu zergatik hil den.
|
Bilboko gizon bat hil da Espainiako hondartza batean. Ajo udalerriko (Kantabria, Espainia) Cuberris hondartzan gertatu da ezbeharra. Oraindik ez dute argitu zergatik hil den.
|
Ajo udalerriko (Kantabria, Espainia) Cuberris hondartzan 50 urteko gizon bilbotar bat hil zen atzo. Oraindik ez dute argitu zergatik hil den, baina hondarretan zeuden zenbait lagunek uretan flotatzen ikusi zuten, eta lehorrera atera zuten.
Larrialdi zerbitzuak gizona suspertzen ahalegindu ziren, baina bihotza eta birikak geldituta hil zen.
|
2023-9-7
|
https://www.berria.eus/albisteak/232520/arraiozko-bestetan-lagun-talde-bati-eraso-lgtbifoboa-egin-diotela-salatu-dute.htm
|
Gizartea
|
Arraiozko bestetan lagun talde bati eraso LGTBIfoboa egin diotela salatu dute
|
Nabarmendu dute lagun talde hori bestetan «lasai» asko zegoela eta gizon talde batek ahoz eraso ziola, baina ez dela kasu bakan bat izan.
|
Arraiozko bestetan lagun talde bati eraso LGTBIfoboa egin diotela salatu dute. Nabarmendu dute lagun talde hori bestetan «lasai» asko zegoela eta gizon talde batek ahoz eraso ziola, baina ez dela kasu bakan bat izan.
|
Arraiozko (Nafarroa) bestetan lagun talde bati eraso LGTBIfoboa egin diotela salatu dute Baztango Udalak, Harro Baztanek, Iñarrosi Neska* Gazte Taldeak, Baztango Talde Feministak, Arraiozko Herriak eta Arraiozko Gazteak taldeak. Nabarmendu dute lagun talde hori bestetan «lasai» zegoen bitartean ahoz egin ziola eraso gizon talde batek. Ordura arte jai giroa «segurua» zela esan dute, baina gizon horiek espazioa bereganatu zutela, eta erasoa jasan zutenak etxera joatera beharturik sentitu zirela.
Nabarmendu dute Arraiozko bestetako erasoa ez dela kasu bakan bat, eta etengabe jasan behar izaten dituztela erasoak; «begiradak, hitz iraingarriak, mehatxuak...».
«Badakigu holako jarrerekin gu isilarazi nahi gaituzuela, ezkutatu nahi gaituzuela eta berriz ere bazterrera bidali nahi gaituzuela, klandestinitatera. Baina argi eta ozen diogu: ez duzue lortuko, gure artean babesturik eta sareturik baikaude», adierazi dute salatzaileek. Berretsi dute lanean jarraituko dutela, «besta eta inguru plural, aske eta errespetutsua» izan arte.
|
2023-9-7
|
https://www.berria.eus/albisteak/232521/claudia-sheinbaum-izango-da-morenaren-presidentegaia-datorren-urteko-bozetan.htm
|
Mundua
|
Claudia Sheinbaum izango da Morenaren presidentegaia datorren urteko bozetan
|
Mexiko Hiriko alkate ohiak jaso du babesik handiena inkestan: %39,4. Prozesuari buruzko kritikak direla eta, «batasuna oinarrizkoa» dela erantzun du.
|
Claudia Sheinbaum izango da Morenaren presidentegaia datorren urteko bozetan. Mexiko Hiriko alkate ohiak jaso du babesik handiena inkestan: %39,4. Prozesuari buruzko kritikak direla eta, «batasuna oinarrizkoa» dela erantzun du.
|
Mexikok, ezustekorik ezean, emakume bat izango du, lehen aldiz, herrialdeko presidente karguan. Oposizioaren koalizioa izan zen lehena, Xochitl Galvez senataria hautagai aukeratuta, eta, orain, agintean dagoen Morena Nazioa Onbideratzeko Mugimendua alderdiak eman du pausoa, Mexiko Hiriko alkate ohi Claudia Sheinbaum aukeratu baitu presidentegai, inkesta baten bitartez —12.500 lagunek erantzun dute—. Urtebete baino gutxiago falta delarik, hura da datorren ekainaren 2ko hauteskunde federalak irabazteko faboritoa, Andres Manuel Lopez Obrador estatuburuaren ospeak —ezin da berriz aurkeztu— eta Morenaren urteotako joera positiboak bultzatuta.
Sheinbaum hasiera-hasieratik zen faboritoa ezohiko barne prozesua irabazteko, eta, azkenean, hautagai horixe lehenetsi dute erantzuna eman dutenek; batez beste, %39,4k. Emaitzei erreparatuz gero, garaipena argia izan da, beste faboritoa, Atzerri ministro izandako Marcelo Ebrard, batez beste inkestan erantzun dutenen %25,8k izan baitute lehentasun.
Eta, hain justu, Ebrard izan da barne prozesuaren azken orduetako beste protagonistetako bat, Sheinbaumen garaipena onartu ez duen hautagai bakarra izan baita. Beste laurak emaitzen berri emateko ekitaldian izan dira, baina Atzerri ministro ohia ez, eta aukeraketa prozesua berriz egiteko eskatu du, irregulartasunak izan direlakoan; alderditik ateratzeari ere atera ireki dio, baina, oraingoz, ez du baieztatu halakorik egingo duenik.
Agerraldia ospakizunerako unea izan arren, Morenaren presidentegai hautatuak ezinbestean erreferentzia egin behar izan dio lehiakideak salaturikoari. «Demokraziak irabazi» duela esateaz gain, Sheinbaumek adierazi du «batasuna oinarrizkoa» dela, eta «ateak beti irekita» daudela; Ebrardi gonbita egin dio, hortaz, alderdian geratzeko. Eta presidentegai hautatua berehala jarri da hauteskundeetara begira, «irabaziko» dutelako mezua behin eta berriz errepikatuta.
Edonola ere, barne prozesuak agerian utzi du Lopez Obradorren agintaldia amaitzean Mexiko Hiriko alkate izandakoak zailtasunak izan ditzakeela barne kohesioa mantentzeko. Sheinbaumek jarraipenaren presidentegaitzat aurkeztu du bere burua, eta hori, behintzat, aldeko izango du datozen hilabeteetarako; estatuburuaren babesa ere badu, ezinbestekoa bozak irabazteko aukerarik izateko.
Galvez, ezezagunago
Morenaren presidentegaiarekin konparatuta —hogei bat urte egin ditu politikan—, oposizioaren hautagaiak kontra du ez dela hain ezaguna. Hori bai, Galvez hedabideetan oihartzun handia izaten ari da hilabeteotan, eta baliteke hori baliatzea bere hautagaitza sendotzeko.
Sheinbaumi aurre egiteko, oposizioak eta, batez ere, alderdi tradizionalek koalizioan aurkeztea erabaki zuten. Mexikoren Aldeko Fronte Zabala deitzen da, eta hori osatu dute PAN Ekintza Nazionalerako Alderdiak, PRI Alderdi Iraultzaile Instituzionalak eta PRD Iraultza Demokratikoaren Alderdiak, joan den ekain amaieran jakinarazi zutenez.
Morenak, berriz, aliatu izango ditu PVEM Mexikoko Alderdi Berde Ekologista eta PT Lanaren Alderdia. Datorren ekainaren 2ko hauteskundeetan presidentea eta Kongresuko bi ganberetako —Diputatuen Ganberako eta Senatuko— ordezkariak aukeratuko dituzte; Lopez Obradorrek botoen %53,19 bildu zituen 2018an, eta haren alderdiak, 191 diputatu —500dik— eta 55 senatari —128tik—.
|
2023-9-7
|
https://www.berria.eus/albisteak/232523/eh-bilduk-eta-zurekin-nafarroak-ez-dute-parte-hartuko-espainiako-errege-erreginen-harreran.htm
|
Politika
|
EH Bilduk eta Zurekin Nafarroak ez dute parte hartuko Espainiako errege-erreginen harreran
|
Iruñeko Udalak Felipe Borboikoa eta Letizia Ortiz gonbidatu ditu hiriburura, Batasunaren Pribilegioaren 600. urteurrenaren aitzakiarekin
|
EH Bilduk eta Zurekin Nafarroak ez dute parte hartuko Espainiako errege-erreginen harreran. Iruñeko Udalak Felipe Borboikoa eta Letizia Ortiz gonbidatu ditu hiriburura, Batasunaren Pribilegioaren 600. urteurrenaren aitzakiarekin
|
Ez dute horren parte izan nahi. EH Bildu eta Zurekin Nafarroa koalizioen ordezkaririk ez da izanen bihar, Iruñeko Udalak Espainiako errege-erreginei eginen dien harrera ekitaldian. Iruñeko alkate Cristina Ibarrolak (UPN) gonbidatu ditu borboiak, Iruñeko Batasunaren Pribilegioaren 600. urteurrenaren aitzakiarekin. EH Bilduk salatu du urteurrenaren egitarau ofiziala «goitik behera desegin duela» alkateak, «Felipe VI.arekin argazki bat ateratzeko». Zurekin Nafarroak argudiatu du ez duela «monarkia legitimatu nahi».
Batasunaren Pribilegioa —Iruñeko hiru burguak elkartu eta hiri bakarra osatu izana ospatzen da— «herritar guztientzako festa» izan behar lukeela nabarmendu du EH Bilduk, eta ez «agintarientzako» ekitaldi bat: «Ospakizun honen protagonismoa iruindarrei dagokie, ez Espainiako errege-erreginei, ezta Ibarrola alkateari ere, erakusten ari baita ez duela hiri osoa ordezkatzen, gutxiengo bat baizik»; hala diote oharrean.
Koalizio independentistak adierazi du monarkia hispanikoak ez dituela ordezkatzen «bere burua errepublikazaletzat eta, neurri handi batean, subiranistatzat jotzen duen Iruñeko herritarren gehiengoa». «Ez gaitu gu ordezkatzen, noski, errepublikanoak ez ezik, independentistak ere bagarelako», gaineratu dute.
Are: Cristina Ibarrolaren jokabidea kritikatu dute, Batasunaren Pribilegioaren egitarauarekin «malabar instituzionalak» egiteagatik, Borboi etxea Iruñera ekarri ahal izateko: «Egitarau ofiziala desegin du, Felipe VI.arekin argazkia atera ahal izateko». Iruñeko Zapia sariaren banaketa, adibidez, larunbatean eginen dute, festaren biharamunean. «Amorragarria da alkateak egitaraua desegin izana, Felipe VI.arekin argazkia egin ahal izateko. Iruñeko Zapia emateko ekitaldia, adibidez, bigarren maila batean utzi dute, hiriaren sustapen eta ordezkaritza lana aitortzen duen saria izan arren».
Hala ere, EH Bilduk argitu du parte hartuko duela arratsaldeko desfilean, Pribilegioaren sinadura ekitaldian eta Iruñeko Erraldoien konpartsak, Duguna dantza taldeak eta La Pamplonesa bandak eskainiko dituzten emanaldietan.
Zurekin: «Erdi Aroko ekitaldi protokolarioa»
Zurekin Nafarroa koalizioak ere uko egin dio Borboi errege-erreginen harreran parte hartzeari. Koalizioko bozeramaile Guzman Garmendiak aukera baliatu du Espainiako III. Errepublika aldarrikatzeko: «Monarkia erakunde antidemokratikoa, anakronikoa eta patriarkala da; eta horren aurrean, Zurekin Nafarroak aldarrikatzen du prozesu konstituziogile bat, gure herria demokratizatzeko». Guzmanek gehitu du koalizioko ordezkariek ez dutela asmorik beren presentziarekin «monarkia legitimatzeko».
Espainiako errege-erreginen bisitaren ondorioz, gainerako ekitaldi guztiak atzeratu edo mugitu izana ere kritikatu du ezkerreko koalizioko bozeramaileak. «Zentzugabekeria guztietan handiena da Felipe [Borboikoa] eta Letizia [Ortiz] Iruñera etortzeagatik, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ikasturte hasierako ekitaldi ofiziala bertan behera gelditu izana. Nafarroa akademikoa azpiratu eta baldintzatu dute, Erdi Aroko kutsua duen ekitaldi protokolozko batengatik».
|
2023-9-7
|
https://www.berria.eus/albisteak/232524/barakaldon-hildako-etxegabea-omendu-du-beste-bi-plataformak.htm
|
Gizartea
|
Barakaldon hildako etxegabea omendu du Beste Bi plataformak
|
«Pertsona guztiek ostatu duin bat izateko eskubidea» aldarrikatu dute, eta arazo horri «erantzun eraginkorrak» emateko estrategia bat garatzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari.
|
Barakaldon hildako etxegabea omendu du Beste Bi plataformak. «Pertsona guztiek ostatu duin bat izateko eskubidea» aldarrikatu dute, eta arazo horri «erantzun eraginkorrak» emateko estrategia bat garatzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari.
|
42 urteko etxegabe bat hilda aurkitu zuten larunbatean Barakaldoko (Bizkaia) Bagatza auzoko kutxa automatiko batean. Bilboko emakume hori oroitzeko eta «pertsona guztiek ostatu duin bat izateko eskubidea» aldarrikatzeko, elkarretaratzea egin du Beste Bi plataformak, gaur goizean, Barakaldon. «Gaur egungo sistemak etxerik ez duten pertsonei bakarrik egozten die beren egoeraren erantzukizuna. Gizarte bazterkeria arazo estrukturala eta gero eta handiagoa da, are gehiago desberdintasun hori eta beste batzuk jasaten dituzten emakumeei dagokienez», nabarmendu dute Beste Bi plataformakoek.
Herritarrei eskatu diete «arazo larri» hori dela-eta ez egiteko ez ikusiarena: «Errealitate hori, etxegabetasunik gogorrena, gure kaleetan gaua pasatzen duten pertsonena, ikusi ere egiten ez badugu, nola izango gara gauza etxerik ez izateak zer esan nahi duen ikusteko eta pentsatzeko?». Inork kalean bizi beharrik izan ez dezan, «estrategia orokor, argi eta koordinatu bat» garatzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari, arazo horri «erantzun eraginkorrak» emateko.
Aurrerantzean gaurkoa bezalako beste elkarretaratzerik egiteko beharrik egon ez dadin, «elkarrekin» lan egiteko mezu bat helarazi du Beste Bi plataformak: «Hausnarketa partekatu bat egin behar dugu, kalean beste inor hil ez dadin, harik eta egunen batean elkartu behar ez dugun arte, etxerik ez zuen norbaiten heriotza gogoratzeko».
2006an sortu zuten plataforma, eta etxebizitza eskuratzeko eskubidearen eta etxerik gabeko pertsonen alde egiten dute lan Bizkaian.
|
2023-9-7
|
https://www.berria.eus/albisteak/232525/euskaltzaleen-eta-independentisten-indarrak-batu-nahi-ditu-euskal-herrian-euskaraz-ek.htm
|
Gizartea
|
Euskaltzaleen eta independentisten «indarrak batu» nahi ditu Euskal Herrian Euskaraz-ek
|
Euskaltzale Independentiston Topaketak egingo dituzte urriaren 7tik 8ra Villabonan.
|
Euskaltzaleen eta independentisten «indarrak batu» nahi ditu Euskal Herrian Euskaraz-ek. Euskaltzale Independentiston Topaketak egingo dituzte urriaren 7tik 8ra Villabonan.
|
Euskaltzaleek eta independentistek «indarrak batzeko» eta «norabide berean arraun egiteko» helburuarekin antolatuko dituzte Euskaltzale Independentiston Topaketak. Gaur aurkeztu dute ekitaldia Villabonan (Gipuzkoa). Herri berean egingo dituzte topaketak, urriaren 7an eta 8an.
Luken Etxabe eta Ihintza Gurrutxaga Euskal Herrian Euskaraz (EHE) taldeko kideek azaldu dute ideiaren jatorria: «Pandemia garaian egindako barne prozesu baten ondoren, EHEk, lehen aldiz, esplizituki, eragile independentista modura aitortu du bere burua».
Hortik abiatuta antolatu dituzte topaketak; hiru helbururekin: Batetik, prozesu euskaltzaleak eta burujabetzaren aldekoak «elkar nola indartu edota elika» ditzaketen hausnartu nahi dute. Bestetik, euskalgintzaren erronka berrien inguruan gogoeta egin, eta «Euskararen Errepublikaren norabidean kokatzeko» asmoa dute. Eta, azkenik, euskaltzale independentisten komunitatea «saretu eta indartu» nahi dute topaketetan.
Bi eguneko egitaraua osatu dute. Kontzertuak, otorduak, tailerrak, jokoak... antolatu dituzte. Topaketei hasiera emateko mahai inguru bat egingo dute, eta bertan egongo dira Amets Aranguren, Amets Arzallus, Eneko Bidegain, Estitxu Garai eta Lorea Agirre. Antolatzaileek izena emateko galdetegi bat prestatu dute. Frontoi estalian gaua igarotzeko aukera egongo da; aukera hori galdetegian adierazi behar da. Baita parte hartu nahi dutenetakoren bati jakiren batek alergia edo intolerantziarik eragiten dion ere.
Topaketetako abestia
Topaketen abestia Euskal Herrian Euskaraz kantuaren bertsio bat izango da. Kimetz Zenitagoia, Dummy da sortzailea, eta kantuan parte hartu dute Bad Sound System, Iheskide eta Gora Etorri taldeetako hainbat kidek. Abuztuan aurkeztu zuten, Bilboko Aste Nagusian.
|
2023-9-7
|
https://www.berria.eus/albisteak/232526/eaeko-arartekoak-esan-du-hondarribiko-alardeari-ere-harrera-egingo-diola.htm
|
Gizartea
|
EAEko Arartekoak esan du Hondarribiko alardeari ere harrera egingo diola
|
Udal agintari gorenak herritarrak alardearen inguruan «batzeko apustua» egin nahi duela uste du Manuel Lezertuak, eta «blokeo historikoa» amaitzeko bide bat izan daitekeela hori.
|
EAEko Arartekoak esan du Hondarribiko alardeari ere harrera egingo diola. Udal agintari gorenak herritarrak alardearen inguruan «batzeko apustua» egin nahi duela uste du Manuel Lezertuak, eta «blokeo historikoa» amaitzeko bide bat izan daitekeela hori.
|
Bihar alarde eguna da Hondarribian (Gipuzkoa), baztertzailea berriz izango da desfile nagusia, andreak onartzen ez dituena, eta Jaizkibel konpainiak berriz egingo du alarde parekide baten aldeko hautua. EAEko Arartekoak komunikatu bat atera du, bihar nola jokatuko duen esateko. Badira berritasunak. Izan ere, ohi duenez, Jaizkibel konpainiari txalo egitera joango da. Baina alarde baztertzaileari ere egingo dio oles. Lehen aldiz.
Ikusi gehiago: EAEko Arartekoak esan du Hondarribiko alardeari ere harrera egingo diola
Aurten, lehenengoz egongo da herriko alkatea Jaizkibeli txalo egiten, Igor Enparan Hondarribiko alkate izendatu berriak esana baitu harrera egingo diola konpainia parekideari. Guztiz berria da hori, alardeen auzia hasi zenetik Hondarribian jeltzaleena izan delako beti alkatetza, eta inoiz ez dutelako halako urratsik egin hautu parekideari atxikimendua erakusteko. Abotsanitz plataformarena da orain alkatetza. Eta alkatearen proposamena da udalbatza osoak eta beste hainbat agintarik bi desfileei egitea harrera: Jaizkibeli eta alarde baztertzaileari. Eske horri baietza eman dio, adibidez, Eider Mendoza diputatu nagusiak, eta gainerakoan adostasuna ez da erabatekoa. Hondarribiko EH Bilduk, esaterako, esan du ez diola alarde baztertzaileari harrerarik egingo; Hondarribiko EAJk Jaizkibeli ukatuko dio olesa. Baina Manuel Lezertua arartekoak bat egin du alkatearen deiarekin. Lehen aldiz, alardeari ere harrera egingo dio.
Ikusi gehiago: Nora Ferreira (Jaizkibeleko kapitaina): «Ezin da onartu oraindik ere jai baztertzaile bat egitea herrian»
«Arartekoa alardean izango da udal agintari gorenaren ekimena babesten duela adierazteko», esan du. «Hondarribiko herritarrak alardearen inguruan batzeko apustua» ikusten du proposamen horren muinean, eta egokia dela uste du. «Arartekoak horren aldeko apustua egin du, aribidean diren ahaleginak eta kudeaketak laguntzeko, hau da, emakumeek festaren ekitaldi nagusian parte hartzeko aldarrikapenaren inguruan Hondarribian gertatzen ari den blokeo historikoa amaitzeko, elkarrizketa aktibo baten bidez beste modu batzuk aztertuko dituen etapa berri bat irekitzen laguntzeko».
Keinu «ausarta»
Txalotu egin du alkatearen jarrera, eta «ausarta» dela esan du. «Urteetan sortutako pitzadurak gainditzeko ahalegin zintzo eta berritzailea da, Hondarribiko herri osoa bildu dadin, emakumeek alardearen ospakizunean bete-betean parte hartzeko duten aldarrikapen justu eta legitimo baten alde».
Jakina da Jaizkibel konpainiaren aldeko keinu ugari izango direla bihar alardean, eta inoiz baino esanguratsuagoak izango direla horiek, baina konpainiako kideek kezka azaldu dute hainbat erakundek bi desfileei egingo dietelako harrera. «Alarde baztertzaileari ere harrera egingo diote, eta, guretzat, hori atzerapauso handia da», salatu du konpainiako kapitain Nora Ferreirak.
Emakunde, Jaizkibelekin
Emakundek adierazi du Miren Elgarresta zuzendaria eta Josune Irabien idazkari nagusia bihar Hondarribian egongo direla, Jaizkibel konpainiari eta emakumeek jaietan berdintasunean parte hartzeko aldarriari «babesa» emateko. Emakundek beti egin dio harrera Jaizkibeli, eta ez dio txalo egin alarde baztertzaileari.
Ohar baten bidez, erakundeak nabarmendu du «positiboa» dela Hondarribiko udal gobernuak Jaizkibeli harrera egitea. Emakundeko zuzendariaren ustez, «agertoki berri bat irekitzen ari da», eta espero du «keinu berritzaile hori Hondarribiko jaietan emakumeek berdintasunez parte hartzea bermatzeko urratsak ematen jarraitzeko motor bihurtzea».
Garrantzia eman die Elgarrestak «urte gehiegi geldirik daraman gatazka desblokeatzeko» egindako keinuei, eta nabarmendu du festa parekideen aldeko eskariak «indar handiz» ugaritzen ari direla gizartean: «Tradizioek, gizarte kohesiorako elementu bat izanik, garai berrietara egokitu behar dute, kohesio hori sustatzen jarraitzeko».
|
2023-9-7
|
https://www.berria.eus/albisteak/232527/lekeitioko-antzara-egunean-sei-eraso-matxista-eta-bi-homofobo-egin-zituztela-salatu-dute.htm
|
Gizartea
|
Lekeitioko Antzara Egunean sei eraso matxista eta bi homofobo egin zituztela salatu dute
|
Lekeitioko Udalak, mugimendu feministak eta txosna batzordeak gaitzetsi egin dituzte erasoak, eta elkarretaratze bat egingo dute gaur, 20:00etan, horiek salatzeko.
|
Lekeitioko Antzara Egunean sei eraso matxista eta bi homofobo egin zituztela salatu dute. Lekeitioko Udalak, mugimendu feministak eta txosna batzordeak gaitzetsi egin dituzte erasoak, eta elkarretaratze bat egingo dute gaur, 20:00etan, horiek salatzeko.
|
Asteartean Antzara Eguna izan zen Lekeition (Bizkaian), eta gutxienez sei eraso matxista eta bi homofobo egin zituzten, Lekeitioko Udalak «gogor» salatu duenez. Irailaren 1ean egindako Bajada Egunean ere beste eraso homofobo bat egin zutela esan dute. Eraso horiek ikusirik, portuko eremuko txosnak ez dituzte irekiko gaur, eta elkarretaratze bat egingo dute 20:00etan, Abadeen moilan, Erasorik ez erantzunik gabe! lelopean, txosna batzordeak antolatuta.
Ikusi gehiago: Arraiozko bestetan lagun talde bati eraso LGTBIfoboa egin diotela salatu dute
Udalekoek esan dute Lekeitio «askatasunean eta libre» bizi den herri bat izatea nahi dutela: «Ez gara nekatuko esaten: denon askatasuna da garrantzitsuena, eta hori elkarrenganako errespetu osotik dator».
Eraso matxistak eta homofoboak jasan dituztenei «babes osoa» adierazi die udalak, eta haien eskura jarri ditu gizarte zerbitzuak. Herriko mugimendu feministak adierazi du «planto» egingo dietela eraso guztiei: «Kaleak eta gauak gureak dira, eta elkarrekin antolatuko gara erasoen aurrean autodefentsa feministari ekiteko».
|
2023-9-7
|
https://www.berria.eus/albisteak/232528/evoleren-no-me-llame-ternera-lanak-hasiko-du-made-in-spain-saila-zinemaldian.htm
|
Kultura
|
Evoleren 'No me llame Ternera' lanak hasiko du Made in Spain saila Zinemaldian
|
Josu Urrutikoetxea ETAren ordezkari ohiari egindako elkarrizketa bat da 'No me llame Ternera' dokumentalaren ardatza. Jordi Evolek eta Marius Sanchezek zuzendu dute.
|
Evoleren 'No me llame Ternera' lanak hasiko du Made in Spain saila Zinemaldian. Josu Urrutikoetxea ETAren ordezkari ohiari egindako elkarrizketa bat da 'No me llame Ternera' dokumentalaren ardatza. Jordi Evolek eta Marius Sanchezek zuzendu dute.
|
Duela bi aste zabaldu zuten albistea: Jordi Evole kazetari katalanak Josu Urrutikoetxea ETAren ordezkari ohiari egindako elkarrizketa bat emango dute Donostiako 71. Zinemaldian. Jaialdiak gaur osatu du informazioa: lanak No me llame Ternera du izena, Evolek eta Marius Sanchezek zuzendu dute, 101 minutu irauten du, eta Made in Spain saila abiatuko du.
ETAk 2018an desegin zen arte izandako «une erabakigarri» batzuez arituko dira dokumentaleko elkarrizketa «tirabiratsu eta sakonean», Donostiako Zinemaldiak adierazi duenez. Gainera, hizketaldi horrek «ETAren biktima batek duela ia 50 urte jasan zuen atentatuaren inguruko zalantzak argitu ditzake».
Producciones del Barrio ekoiztetxeak —Evolek sortu zuen, 2015ean— eta Netflixek ekoitzi dute dokumentala. Zinemaldian estreinatu ondoren, plataforma horren katalogoan sartuko dute.
«Film hau egin dugu gure herrialdearen historiarekiko erantzukizuna dugulako, neurri batean ETAren terrorismoak asko markatu duelako historia hori. Aukera paregabea iruditu zitzaigun erakunde terrorista horretako kide izan den norbait elkarrizketatzea», esan dute filmaren egileek. «Halaber, ahaztea edo gure historiaren zati horri ez begiratzea erabaki duen belaunaldiarentzat funtsezko balio pedagogikoa du. Memoria historikoko ariketa bat da».
BERRIAk 2020ko abenduan elkarrizketatu zuen Urrutikoetxea, espetxetik atera eta hilabete gutxira.
|
2023-9-7
|
https://www.berria.eus/albisteak/232529/enpresak-lehiakorrago-egiteko-aldagai-gisa-aurkeztu-nahi-dute-euskara.htm
|
Gizartea
|
Enpresak lehiakorrago egiteko aldagai gisa aurkeztu nahi dute euskara
|
Eusko Jaurlaritzak eta Garapen elkarteak Hizkuntzak Kudeatzen egitasmoaren bigarren faseari ekin diote. Helburua da garapen agentziek enpresei transmititzea hizkuntzen kudeaketa egokiak eta bertan euskara txertatzeak lehiakorrago egingo dituela.
|
Enpresak lehiakorrago egiteko aldagai gisa aurkeztu nahi dute euskara. Eusko Jaurlaritzak eta Garapen elkarteak Hizkuntzak Kudeatzen egitasmoaren bigarren faseari ekin diote. Helburua da garapen agentziek enpresei transmititzea hizkuntzen kudeaketa egokiak eta bertan euskara txertatzeak lehiakorrago egingo dituela.
|
Hizkuntzak Kudeatzen egitasmoaren bigarren fasea aurkeztu dute gaur Barakaldoko Udalean (Bizkaia). Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika sailak eta Garapen elkarteak jarri zuten martxan proiektua urte hasieran; hizkuntzen kudeaketa lehiakortasun aldagai gisa lantzeko asmoarekin. Hau da, erakutsi nahi dute hizkuntzen kudeaketa egokiak enpresak lehiakorragoak egin ditzakeela. Azaldu dutenez, «gure ingurunean», euskara hizkuntzen kudeaketa horretan «kontuan hartu beharreko hizkuntza da». Izan ere, euskara erabiltzea bezeroak «asebetetzeko» zein langileak «motibatzeko» faktorea izan daiteke. Baita «gizarte erantzukizunaren adierazle» ere.
Horretarako, proiektuaren bigarren fasean, bost garapen agentziatan proiektu pilotu bana jarriko dute martxan. Proiektuaren helburua da agentziek enpresei transmititzea hizkuntzen kudeaketa egokiak eta bertan euskara txertatzeak lehiakorrago egingo dituela. Xede horrekin, bi formakuntza saio egingo dituzte bost garapen agentziatako teknikariekin.
Garapen elkartea Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako tokian tokiko erakundeek sortutako garapen agentzien elkargunea da. Elkartearen barruan daude proiektuak gauzatuko dituzten bost agentziak; zehazki, hurrengoak izango dira: Amurrio Bidean, Bermeoko Udala, Barakaldoko Udala-Ingurualde, Goieki eta Urola Kostako Udal elkartea. Garapen agentzien helburua enpresei laguntzea da, beren kudeaketa ereduak lehiakorrago eta produktiboago egiteko asmoz egungo merkatuaren eskaerei begira.
Fernando Nebrada Garapen elkarteko presidenteak hizkuntza kudeaketa egokiaren garrantzia nabarmendu du egungo mundu «globalizatuaren» testuinguruan: «Bezeroei, erabiltzaileei, hornitzaileei eta, jakina, langileei eurek nahi duten hizkuntzan jardutea erraztu eta ahalbidetu behar die enpresa lehiakorrak». Miren Dobaran Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuordeak ere hartu du hitza: «Hizkuntzen kudeaketak duen balio ekonomiko zein soziala bultzatzea urrats handia litzateke eremu sozioekonomiko pribatuan euskarak ere lekua izan dezan».
Lehen fasean lortutakoarekin «gustura» agertu dira Jaurlaritza eta Garapen. Fase horren barruan, hizkuntzen kudeaketak enpresen lehiakortasunean duen eraginaz hausnartu zuten garapen agentzietako teknikariekin.
|
2023-9-7
|
https://www.berria.eus/albisteak/232530/elkarrekin-podemos-iuk-konbentzio-konstituzionala-baztertu-du.htm
|
Politika
|
Elkarrekin Podemos-IUk konbentzio konstituzionala baztertu du
|
Urkulluren proposamena «juridikoki bideraezina» da koalizioarentzat. Hezkuntza, osasuna eta trantsizio energetikoa izanen dira beren lehentasunak datorren legealdian.
|
Elkarrekin Podemos-IUk konbentzio konstituzionala baztertu du. Urkulluren proposamena «juridikoki bideraezina» da koalizioarentzat. Hezkuntza, osasuna eta trantsizio energetikoa izanen dira beren lehentasunak datorren legealdian.
|
«Hauteskunde tramankulua». Horrela definitu du Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IU alderdiko bozeramaileak konbentzio konstituzionala. Bere erranetan, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak egindako proposamena «juridikoki bideraezina» da; eta bere taldeak ere uste badu autogobernuaren auziari bidea ireki behar zaiola, Urkulluren jarrera ez zaie egokia iruditu.
Gaur goizean Gasteizen egindako gosari informatibo batean egin ditu adierazpen horiek. Hala, erran du Urkulluren proposamena lantzea Eusko Legebiltzarrari dagokiola, hura delako «euskal herritarren ordezkari legitimoa». Horregatik, autogobernuari buruzko ponentzia irekitzea eskatu du Gorrotxategik, auzia Madrilera eraman baino lehen «euskal herritarren ordezkariek proposamen zabala eta adostua» egiteko. «Zer balio demokratiko du lehendakari baten izenean aurkezten den konstituzio erreformarako proposamen batek? Horrelako proposamen bat Eusko Legebiltzarrean adostu eta eztabaidatu ondoren egin behar da», borobildu du.
Horrez gain, taldeak datorren legealdian izanen dituen lehentasunez mintzatu da Gorrotxategi: hezkuntza legea, osasun publikoko legea eta trantsizio energetikorako legea. Hezkuntzari dagokionez, publikoaren alde eginen duela erran du eta Jaurlaritzaren proiektua ez duela babestuko.
Osasun publikoko lege proiektua ere ez du begi onez ikusi taldeak. Gorrotxategiren hitzetan, euskal herritar guztiek osasuna eskuratzeko aukera berdinak izan beharko lituzkete. Izan ere, azpimarratu du «Euskadin, beheragoko gizarte klase batekoa izateak, ikasketa gutxiago izateak, eremu sozioekonomiko deprimitu batean bizitzeak edo hilaren amaierara iristeko zailtasunak izateak gaixotasun kroniko bat izateko aukerak areagotzen» dituela.
«[Lege proiektuak] ez du anbiziorik eta ez die benetako arazoei aurre egiten», borobildu du Gorrotxategik. Hortaz, hura aldatu ezean ez du koalizioaren babesik jasoko. Horretaz gain, taldeari garrantzitsua zaio honako zerbitzu hauek Osakidetzan sartzea: odontologia, fisioterapia, logopedia, podologia, gerontologia, ortopedia eta osasun mentala.
Trantsizio energetikoaren legea «oso berandu» datorrela erran du Gorrotxategik, ezarritako neurriak 2026ra arte ez direlako eraginkorrak izanen. Hala, «larrialdi klimatikoa konpontzeko» mekanismoak martxan jarriko dituzte: bertzeak bertze, energiaren enpresa publikoa sortzea proposatu du. Funtsean, «norabide politikoan aldaketa bat» eskatu du koalizioak.
|
Subsets and Splits
No community queries yet
The top public SQL queries from the community will appear here once available.