date
stringdate
2012-09-20 00:00:00
2023-12-01 00:00:00
url
stringlengths
47
182
category
stringclasses
10 values
title
stringlengths
3
140
subtitle
stringlengths
0
1.17k
summary
stringlengths
5
1.18k
text
stringlengths
2
35.8k
2023-9-25
https://www.berria.eus/albisteak/233187/torbek-haur-pornografiako-delituak-egin-izana-aitortu-du-eta-bi-urteko-kartzela-zigorra-ezarri-diote.htm
Gizartea
Torbek haur pornografiako delituak egin izana aitortu du, eta bi urteko kartzela zigorra ezarri diote
Zazpi urte baino gehiagoko kartzela zigorra zuen eskatua fiskaltzak. Beste bi gizon epaitu dituzte.
Torbek haur pornografiako delituak egin izana aitortu du, eta bi urteko kartzela zigorra ezarri diote. Zazpi urte baino gehiagoko kartzela zigorra zuen eskatua fiskaltzak. Beste bi gizon epaitu dituzte.
Ignacio Allende Torbe pornografia ekoizlea epaitu dute gaur, Madrilen, haur pornografiako bi delitu eta sekretuak jakinaraztea leporatuta. Fiskaltzak zazpi urte eta zazpi hilabeteko kartzela zigorra zuen eskatua. Hala ere, Torbek delituak aitortu ditu, eta fiskaltzak bi urteko kartzela zigorrera murriztu du eskaera. Torberen defentsak, beraz, kartzelan ez sartzea eskatu du. Sententzia ateratzen denean argituko dute hori. 2016an abiatu zuen Poliziak Torberen kontrako operazioa —bizkaitarra da sortzez, Portugaletekoa; zineman eta beste hainbat euskarritan ibilitakoa—. Urte hartan atxilotu zuten, eta behin-behineko atxiloaldian egon zen. Atxiloketaren arrazoiak: pornografia delituak, gizakien salerosketa, kapitala zuritzea, eta ogasun publikoaren aurkako delituak. Gaur, bi deliturengatik epaitu dute: 2012an eta 2015ean haur pornografiako bi bideo zabaltzeagatik. Fiskaltzak epaiketaren hasieran aurkeztu du akordioa. Kartzela zigorra murrizteaz gain, 3.000 euroko isuna ezarri diote Torberi, sekretuak jakinarazteagatik. Era berean, 65.000 euro ordaindu dizkio jada biktimari. Torberen hurbilekoak diren beste bi gizon epaitu dituzte. Batek haur pornografiaren delitua aitortu du, zigorra murrizte aldera: hiru urteko kartzela zigorraren ordez, 2.880 euroko isuna ezarri diote. Hainbat urtean, gainera, ezin izango du adingabeekin lanik egin, eta ezingo da hurbildu 2015ean salaketa jarri zuen adingabearengana. Besteak, berriz, ez du akordiorik lortu, ez baitu onartu adingabearen bideoak bidali izana. Fiskaltzak hiru urteko kartzela zigorraren eskaera berretsi du harentzat.
2023-9-25
https://www.berria.eus/albisteak/233188/zer-kontatuko-dute-nasak-bennu-asteroidetik-ekarritako-harri-hautsek.htm
Bizigiro
Zer kontatuko dute NASAk Bennu asteroidetik ekarritako harri hautsek?
Houstonera (AEB) eraman asmo zituzten gaur, hegazkin berezi batean, igandean OSIRIS-REx misioak jasotako laginak. 233 zientzialariren artean banatuko dituzte, biziaren jatorria ikertzeko.
Zer kontatuko dute NASAk Bennu asteroidetik ekarritako harri hautsek?. Houstonera (AEB) eraman asmo zituzten gaur, hegazkin berezi batean, igandean OSIRIS-REx misioak jasotako laginak. 233 zientzialariren artean banatuko dituzte, biziaren jatorria ikertzeko.
Azken orduak mugarria izan dira NASA Ameriketako Estatu Batuetako Espazio Agentziarentzat, edo, hobeto esanda, mugautsa. Izen ere, bere historian lehenengo aldiz, asteroide bateko harriak eta hautsak jaso eta Lurrera itzultzea lortu du. Gizateriarentzat ez da lehen aldia, edonola ere. Japoniako JAXA espazio agentziak 2020. urtean lortu zuen hori egitea. Beraz, interesgarriagoa da orain datorrena. Mundu osoko zientzialariek aztertuko baitute Bennu asteroideari erauzitako materiala, eta espero dute informazio berria lortzea Lurra nola osatu zen ulertzeko, eta planetan bizia nola agertu zen azaltzeko. Horrez gain, gizateriarentzat arriskutsuak diren asteroideen inguruan ikastea espero dute, Bennuk Lurrarekin egun batean talka egiteko arriskua egon badago eta. Atzo itzuli zen Lurrera NASAren OSIRIS-REx misioaren kapsula. 2016. urteko irailaren 8an jaurti zuten, eta bi urte geroago heldu zen Bennu asteroidera, 2018ko abenduaren 3an. Bi urtez aritu ziren gero lagina jasotzeko operazioa prestatzen, eta, azkenean, zundak 2020ko urriaren 20an jo zuen asteroidea, eta 250 gramo harri eta hauts bildu zituen. Material hori ontzi batean gorde zuen, eta 2021eko maiatzaren 10ean Lurrera bidea hartu zuen zundak, lagina ekartzeko. NASAk Utah estatuan duen probaleku batean lurreratu atzo zundak askaturiko kapsula, Sal Lake Citytik gertu. Eta berehala inguratu zuten agentziako zientzialariek. Helikopteroz eraman zuten inguruan paraturiko «gela garbi» batera. Zigilaturiko guneak dira gela garbiak: kanpotik ezin da ezer sartu, ziurtatzeko laginak ez direla kutsatzen. Modu bakarra da jakiteko zer dagoen benetan asteroide horretan, Lurreko gaiekin nahastu gabe. Datozen orduetan, harriak eta hautsa ontzitik ateratzeko lanetan jarraituko dute, kutsatu gabeko laginak munduko hainbat laborategiren esku utzi aurretik. Hondakin multzoa Bennu asteroidea «hondakin multzo bat» dela esan izan du NASAk. Izan ere, uste dute asteroide handiago batek talka eginda sortu zela, duela mila eta bi mila milioi urte artean. Hondamendiaren ostean, puska batzuk berriz elkartu ziren, baina, asteroidea txikia denez, puska horiek ez daude oso trinko bildurik. Horregatik, erraza izan da, nolabait, puskak erauztea handik, Lurrera ekartzeko. Zientzialariek badakite molekula organiko asko dituela asteroideak, eta uste dute noizbait urak eraldatu zituela horiek. Beraz, horiek aztertzea lagungarri izango da zientzialariek egiten duten galdera mamitsu bati erantzuteko: nola heldu ziren Lur planetara biziaren osagai nagusietako bi, hau da, molekula organikoak eta ura? Izan ere, aspaldiko teoriaren arabera, litekeena da horiek izotzez eta harri eta hautsez osaturiko meteoritoek ekarri izana, Lurraren kontra talka egitean. Bistan denez, Bennuri erauzitako materialek hori hobeto ulertzen lagun dezakete. Bennu aukeratu zuten, besteak beste, asteroideen artean aztertzeko errazagoa delako. Izan ere, asko hurbiltzen da Lurraren orbitara. Hori dela eta, zaintzapean dute, arriskutsuenetako bat baita planetarentzat. Kalkulatu dutenez, 2100. urtetik aurrera arriskua dago asteroideak Lurra edo Artizarra jotzeko, arrisku txikia bada ere (1.750 aukeratik bakarra). 233 zientzialari Gaur bertan, NASAK Houstonen duen espazio zentrora eraman asmo zuten laginen ontzia, kapsulatik atera ostean. Handik, banatu egingo dituzte NASAko, Kanadako eta Japoniako espazio agentziako zientzialarien artean. Laginen laurdenak OSIRIS-REx egitasmoan parte hartu duten 233 zientzialariren esku utziko dituzte, aztertzeko. Munduko 38 ikerketa gune arituko dira horretan. Laginen %70 gorde egingo dituzte, edonola ere, etorkizuneko zientzialariek aztertzeko aukera eduki dezaten.
2023-9-25
https://www.berria.eus/albisteak/233189/urkulluk-eskatu-du-justizia-estatuaren-izaera-askotarikora-egokitzeko.htm
Politika
Urkulluk eskatu du justizia «estatuaren izaera askotarikora» egokitzeko
EAEko urte judizialaren hasiera ekitaldian parte hartu du Eusko Jaurlaritzako lehendakariak
Urkulluk eskatu du justizia «estatuaren izaera askotarikora» egokitzeko. EAEko urte judizialaren hasiera ekitaldian parte hartu du Eusko Jaurlaritzako lehendakariak
Urte judiziala hasi da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta, horren irekiera ekitaldian, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk justiziaren deszentralizazioa izan du hizpide. Haren ustez, botere judiziala ere egokitu beharko litzateke «estatuaren izaera askotarikora», eta esan du «harrigarria» begitantzen zaiola horrelako proposamenek polemika piztea. Urkulluren aburuz, justiziarena berez botere deszentralizatua da, epaile eta magistratu guztiek gorpuzten baitute: «Ez genuke hori ahaztu behar botere judizialaren eta haren zuzendaritzaren egokitze malgua bilatzerakoan». Berriro ere kezka azaldu du Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia berriztatzeko ezintasunen inguruan, eta gogorarazi du iaz ere horretan dauden oztopoak gainditzeko deia egin zuela. «Iaztik ona egoera ez da aldatu, egoera berean gaude, eta herritarrak dira kalterik handiena pairatzen dutenak, baita justizia bera eta erakundearen irudi soziala ere». Eusko Jaurlaritzaren, EAEko Auzitegi Nagusiko gobernu organoen, Fiskaltza Nagusiaren eta Auzitegi Nagusiko Idazkaritzaren arteko lankidetza goretsi du Urkulluk, eta esan du lankidetza horren emaitza dela 2022-2028ko eperako ondutako Justizia Plan Estrategikoa. 2030erako Egoitza Judizial Jasangarrien Plana ere aipagai izan du lehendakariak. Euskararen erabilpen urria EAEko Auzitegi Nagusiko presidente Iñaki Subijanak ere hitza hartu du ekitaldian, eta onartu du justizia administrazioan euskararen erabilpena «urria» dela. Esan duenez, hainbat faktorek dute horretan zerikusia, «eta denak ez dira arlo judizialekoak». Subijanak iragarri du badutela probako proiektu bat abiarazteko asmoa zenbait esparrutan epaiketa batzuk euskaraz egiteko, eta egitasmo horren «bideragarritasuna» aztertuko dutela. Beste asmo batzuen berri ere eman du Subijanak. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako mapa judiziala egin nahi dute, tokian tokiko egoera ezagutu eta organo judizialen funtzionamendua hobetzeko. Subijanaren ustez, justiziaren egoera oro har «itxaropentsua» da, baina kontu zehatzetara jaitsita eta «gatazken eguneroko kudeaketari» dagokionez, badaude «kezkatzeko arrazoiak»; horietako bat da epaileak gutxi izatea.
2023-9-25
https://www.berria.eus/albisteak/233190/motozale-bat-hil-da-zestoan-kamioi-batekin-istripua-izanda.htm
Gizartea
Motozale bat hil da Zestoan, kamioi batekin istripua izanda
GI-2633 errepidean gertatu da ezbeharra. Ertzaintza zer gertatu den ikertzen ari da.
Motozale bat hil da Zestoan, kamioi batekin istripua izanda. GI-2633 errepidean gertatu da ezbeharra. Ertzaintza zer gertatu den ikertzen ari da.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, motozale bat hil da GI-2633 errepidean izandako istripu batean, Zestoa parean (Gipuzkoa). Ezbeharra 17:15ak aldera izan da. Azaldu dutenez, moto batek eta kamioi batek elkar jo dute, eta motozalea kamioiaren azpian harrapatuta geratu da. Suhiltzaile talde batek erreskatatu du, baina, behin aterata, osasun zerbitzuek heriotza baieztatu besterik ezin izan dute egin. Ertzaintza ezbeharraren arrazoia ikertzen ari da.
2023-9-26
https://www.berria.eus/albisteak/233234/bigarren-greba-eguna-egin-dute-eitbko-irratietan.htm
Bizigiro
Bigarren greba eguna egin dute EITBko irratietan
Hilaren 14an gertatu bezala, ez dira saiorik ematen ari. Soilik musika eta albistegiak ari dira ematen.
Bigarren greba eguna egin dute EITBko irratietan. Hilaren 14an gertatu bezala, ez dira saiorik ematen ari. Soilik musika eta albistegiak ari dira ematen.
Bigarren greba eguna egiten ari da gaur EITBko irratietan. Langile gehienen babesarekin, langile batzordeak hiru greba egunera deitu zuen, eta horietako bigarrena da gaurkoa. Hilaren 14an egin zuten lehenengoa, eta hirugarren greba eguna urriaren 19an izango da, ostegunean. Lehen greba egunean gertatu bezala, EITB taldearen irratietan musika eta albistegiak soilik entzun daitezke. Espainiako Kongresuan inbestidura prozedura hasi dute gaur, Alberto Nuñez Feijoo PPko presidentegaiarena, eta ez dute programazio berezirik egin. Langileen ezinegonaren arrazoiak ugariak dira. Horietan nabarmenena da hamahiru urte daramatzatela lan hitzarmena berritu gabe. EITB Media Irratiko Lan Batzordeak, duela hiru hilabete, hautsitzat jo zituen hitzarmenaren gaineko negoziazioak. Akordiorik lortu ezean, hirugarren greba eguna egingo dute urriaren 19an. Lehen greba egunaren aurretik, «inposizioez nazkatuta» daudela jakinarazi zuten EITB Media Irratiko Zentro Arteko Batzordeak —ELA, LAB eta ESK sindikatuetako ordezkariak daude bertan—, ohar batean: «Aldarrikatu nahi dugu negoziazio markoa errespetatzeko, eta gure lan baldintzak hobetzeko. Egiten dugun lana aitortzea ere nahiko genuke».
2023-9-26
https://www.berria.eus/albisteak/233235/david-fincherren-the-killer-izanen-da-emanaldi-sorpresako-filma.htm
Kultura
David Fincherren 'The Killer' izanen da emanaldi sorpresako filma
Larunbatean emanen dute, Viktoria Eugenia antzokian. Filmeko argazki zuzendari Erik Messerschmidtek aurkeztuko du.
David Fincherren 'The Killer' izanen da emanaldi sorpresako filma. Larunbatean emanen dute, Viktoria Eugenia antzokian. Filmeko argazki zuzendari Erik Messerschmidtek aurkeztuko du.
The Killer da Donostiako 71. Zinemaldiko film sorpresa. Jaialdiak gaur jakinarazi du, luzaroan ezkutuan gorde ondotik. David Fincher zuzendariak gidatu du The Killer, eta Alexis Nolent Matz idazlearen nobela grafikoan dago oinarritua. Istripu bat izan berri duen hiltzaile bat du protagonista; filmean, Michael Fassbender aktoreak antzeztu du hura. Zehazki, lana Veneziako zinema jaialdian lehiatu berri da, eta espero da Donostiako emanaldiak ikusmin handia sortzea. Larunbatean emanen dute filma, hiru aldiz. Emanaldi nagusia 19:00etan eginen dute, Viktoria Eugenia antzokian; horretan, filmeko argazki zuzendari Erik Messerschmidt mintzatuko da. Beste bi emanaldiak ere egun berean izanen dira; bata, 8:30ean, Viktoria Eugenian; bestea, 13:00etan, Printzipal antzokian. Zinemaldiak 2019an ekin zion emanaldi sorpresak programatzeari. Ordutik, film hauek eman dituzte gisa horretara: Joker (2019), Sportin' Life (2020), Spencer (2021) eta Blonde (2022).
2023-9-26
https://www.berria.eus/albisteak/233236/etorkizunean-zer-nolako-erlazioa-izango-duten-definitzen-hasi-dira-erevan-eta-baku.htm
Mundua
Etorkizunean zer-nolako erlazioa izango duten definitzen hasi dira Erevan eta Baku
Azerbaijango eta Armeniako ordezkariak Europar Kontseiluko buruzagitzarekin bildu dira, Bruselan Armeniako oposizioa ez da fiatzen Paxinian lehen ministroak zer negozia dezakeen
Etorkizunean zer-nolako erlazioa izango duten definitzen hasi dira Erevan eta Baku. Azerbaijango eta Armeniako ordezkariak Europar Kontseiluko buruzagitzarekin bildu dira, Bruselan Armeniako oposizioa ez da fiatzen Paxinian lehen ministroak zer negozia dezakeen
Karabakh Garaiko errepublikarenak egin du, eta, orduan, elkarren arteko harremana berriro definitu beharko dute Azerbaijanek eta Armeniak. Horiek horrela, bi herrialdeetako gobernuetako ordezkariak Bruselan batzartu dira, gaur, Charles Michel Europar Kontseiluko presidentearen aholkulari diplomatiko nagusiarekin, Simon Morduerekin. Hala jakinarazi du Michelen bozeramaileak. Aintzat hartu behar da, horrekin lotuta, Armeniako lehen ministro Nikol Paxinian eta Azerbaijango presidente Ilham Aliyev Granadan (Espainia) biltzekoak direla datorren urriaren 5ean, eta Frantziako eta Alemaniako goi agintariek ere parte hartuko dutela bilera horretan. Baina Armeniako oposizioak nahi du Paxinian ez joatea batzar horretara; hau da, kargugabetua izan dadila hori egin baino lehen. «Inork ez daki Armeniarentzako zein dokumentu zorigaiztoko sinatzeko prest dagoen. Ezin dugu baimendu», adierazi zuen Andranik Tevanian oposizioko buruzagietako batek, atzo, Erevan hiriburuan egindako mitin batean. Paxiniani egozten diote Karabakh Garaiko armeniarren defentsan ez atera izana. Ikusi gehiago: Karabakh Garaiak men egin die Azerbaijanen eskariei, su etena adostearen truke Oposizioak deituta, protestak egiten ari dira irailaren 19tik, Azerbaijanek Karabakh Garaian —aurreko astera arte, 120.000 bat armeniar bizi ziren han— operazio militarra egin zuenetik, baina Paxinianen kontrario politikoek onartu dute mobilizazioak ez direla behar bezain handiak izaten ari —200 lagun inguru atxilotu dituzte—. «100.000 pertsona aterako balira, poliziek ere bat egingo lukete», esan dio Eduard Xarmazanov parlamentuko presidenteorde izandakoak, hango hedabide bati. 68 lagun hilik leherketa batean Operazioaren biharamunean, Karabakh Garaiak men egin zien Azerbaijanen eskariei, eta su etena adostu zuten. Hauek dira eskariak: Karabakh Garaiko talde armatuak desegitea; Armeniako armadako militarrak handik erretiratzea; eta Karabakh Garaiak bertan behera uztea independentzia eta errepublika aldarrikapena —1991n egindakoa—, eta Azerbaijanen parte dela onartzea. Azken hiru hamarkadetan izan da Azerbaijan barruko errepublika independente bat de facto, nahiz eta nazioarteak ez duen aitortu. Aurrerantzean, Azerbaijanen kontrolpean geratuko da. Ikusi gehiago: Karabakh Garaiak Azerbaijani segurtasun bermeak eskatu dizkio armak utzi aurretik Paxinianek uste du han bizi diren armeniarrak «garbiketa etnikoa» nozitzeko arriskuan daudela. Horregatik, joan den igandetik ari dira herritarrak Armeniara ebakuatzen. Erevanek atzo jakinarazi zuenez, jada 28.000 pertsona inguru iritsi dira hara —ia populazioaren laurdena—. Horren harira, gaur, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren bozeramaile Shabia Mantook eskatu du berma daitezela ihesean doazenen «giza eskubideak eta segurtasuna». Azerbaijango eta Karabakh Garaiko ordezkariak atzo batzartu ziren, eta adostu zuten laguntza humanitarioa bideratzea, osasun zerbitzuak hedatzea eta oinarrizko zerbitzuak eta azpiegiturak berrezartzea eremu horretan (4.400 kilometro koadro). Bakuk hitzeman du, gainera, hango armeniarren eskubideak errespetatuko dituztela. Karabakh Garaiko iturrien arabera, Azerbaijanek egindako operazio militarrean 200 bat pertsona hil zituzten —tartean, dozena bat inguru zibil—, eta 400 bat zauritu. Bestalde, atzo gauean, erregai biltegi bat lehertu zen Karabakh Garaiko hiriburu Stepanakertetik gertu, eta, horren ondorioz, gutxienez 68 pertsona hil dira, eta 290 zauritu. Eztanda zerk eragin zuen ikertzen ari dira. Armenpress berri agentziak kaleratu zuenez, biltegiaren inguruan hainbat auto zeuden, barruan Karabakh Garaitik alde egin nahi duten herritarrak zeudela.
2023-9-26
https://www.berria.eus/albisteak/233237/iaz-polonian-erori-zen-misila-ukrainak-jaurti-zuela-esan-du-aditu-talde-batek.htm
Mundua
Iaz Polonian erori zen misila Ukrainak jaurti zuela esan du aditu talde batek
Misila erori eta ordu batzuetara NATOk eta AEBek plazaratu zutena berretsi du ikerketa batek. Varsoviaren eta Kieven arteko harremanak gaiztotuta daude azken hilabeteetan.
Iaz Polonian erori zen misila Ukrainak jaurti zuela esan du aditu talde batek. Misila erori eta ordu batzuetara NATOk eta AEBek plazaratu zutena berretsi du ikerketa batek. Varsoviaren eta Kieven arteko harremanak gaiztotuta daude azken hilabeteetan.
Azken asteetan gaiztotuta daude Poloniaren eta Ukrainaren arteko harremanak, eta, testuingurua hori denean, hain zuzen, iritsi da berria: Poloniako aditu talde baten arabera, Ukrainak jaurti zuen iazko azaroa erdialdean Polonian Ukrainako mugatik gertu erori zen misila, bi hildako eragin zituena. Hori jaso du Rzeczpospolita egunkariak, ikerketaren gertuko iturriak aipatuz. Beraz, gertatu eta zenbait ordutara NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak plazaratu zuen hipotesia berretsi dute: Ukrainako aireko indarrek misilak jaurti zituztela Errusiako misil bat erorarazteko. Ukrainak, ordea, ukatu egiten du. Gertaera hark izua eragin zuen zenbait orduz. Lehen kolpean, Kievek esan zuen Moskuk jaurti zuela. Kremlinek, ordea, gezurtatu egin zuen. Izan ere, Errusiak jaurti zuela frogatzeak eragin zezakeen NATOk bere kontrako erasotzat hartzea, eta, orduan, aliatuek Kremlini gerra deklaratzea. Ikusi gehiago: NATOk uste du Polonian lehertutako misila Ukrainak bota duela Ordutik ia hamar hilabete baino gehiago igaro diren honetan, Varsoviaren eta Kieven arteko harremanak ez daude bere onenean. Polonia da Ukraina herrialde mugakideari laguntza militar gehien eman dioten herrialdeetako bat, baina laguntza hori bertan behera uzteko asmoa duela iragarri zuen Mateusz Morawiecki lehen ministroak lehengo astean, argudiatuta beren armategia modernizatzeko lanean jarriko dituztela indarrak. Baina afera komertzial bat hartu behar da aintzat. Ukrainako laboreek Poloniako merkatua hartu dute azken hilabeteetan, eta horrek eragin du prezioak amiltzea, eta, ondorioz, laborariak haserretu egin dira. Poloniak eta ekialdeko beste herrialde batzuek —kasurako, Eslovakia, Hungaria, Errumania eta Bulgaria— betoa jarri zieten produktu horiei, eta Varsoviak oraindik horri eusten dio, Hungariak eta Eslovakiak bezalaxe. Kontuan hartu beharreko beste aldagai bat: Polonian legebiltzarrerako bozka egitekoak dira urriaren 15ean.
2023-9-26
https://www.berria.eus/albisteak/233238/azaroaren-4an-bilboko-kaleak-betetzera-deitu-du-euskalgintzak.htm
Gizartea
Azaroaren 4an Bilboko kaleak betetzera deitu du euskalgintzak
Euskararen aurrerabideen kontra egon diren epaien gaineko kezka azaltzeko egingo den manifestazioaren leloa jakinarazi dute gaur, Kontseiluak deitutako agerraldi jendetsu batean: 'Oldarraldiaren aurrean: euskararekin bat, euskaraz bat'
Azaroaren 4an Bilboko kaleak betetzera deitu du euskalgintzak. Euskararen aurrerabideen kontra egon diren epaien gaineko kezka azaltzeko egingo den manifestazioaren leloa jakinarazi dute gaur, Kontseiluak deitutako agerraldi jendetsu batean: 'Oldarraldiaren aurrean: euskararekin bat, euskaraz bat'
Euskara eskakizunen kontra, eta administrazioan euskaraz jardutea ahalbidetzen duten erabakien aurka ere bai. Ebazpen judizial ugarik auzitan jarri dituzte iragan hilabeteetan euskara garatzeko aurrerabideak. Aspaldikoa da kezka, euskalgintzak hilabeteak daramatza «oldarraldi judiziala» salatzen, eta, iragarrita zegoen eran, azaroaren 4an manifestazio bat egingo da Bilbon, kezka hori agerian uzteko. Gaur, «Hizkuntzen Europako egunean», manifestaziorako deia egiteko agerraldia egin dute euskalgintzako hainbat eragilek, Kontseiluak deituta. Manifestaziorako leloa jakinarazi du Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkaria nagusiak: Oldarraldiaren aurrean: euskararekin bat, euskaraz bat. Aldarri hori gogoan, Bilboko kaleak betetzera deitu dute. Azken urteotan euskararen alde egin den manifestaziorik jendetsuena izango dela aurreikusi dute antolatzaileek. «Euskararen normalizazioa eta biziberritzea helburu duten arauen eta politika publikoen kontrako epai sorta geldi gabe eta amaiezin bat gertatzen ari dela salatu nahi dugu», adierazi du Eskisabelek, Euskalduna jauregiaren aurrean. Izan ere, azaroaren 4an manifestazioa hantxetik abiatzea da asmoa, 17:00etan. Bilboko udaletxerainoko bidea izango da, eta han egingo da amaiera ekitaldia. Mobilizazioaren atariko, herri eta auzoetan ekitaldiak antolatzera deitu dute: «Hurbileko zein hain ez hurbileko jendeari manifestazioaren berri emateko». Alderdi politiko eta sindikatuei ere bat egiteko eskatu diete. Eragile eta norbanakoek manifestazioaren alde atxikimendua emateko era izango dute Kontseiluaren webgunean. «Euskaltzale guztiok eta oro har, hizkuntza berdintasunean eta aniztasunaren errespetuan sinesten dugun guztiok, noranzko bateratuan aritzea ezinbestekoa da». Eskisabelek argi utzi du «guztion indarrak» beharko direla «oldarraldiari hesia jartzeko» eta «olatu erreakzionarioari aurre egiteko». Agerraldian, gogora ekarri dituzte euskararen kontra ebatzi diren hainbat ebazpen, eta bereziki uztailaren 6koa: egun hartan Espainiako Konstituzio Auzitegiak udalerri euskaldunei euskara hutsez jarduteko bideak estutu zizkien, EAEko Udal Legearen 6.2 artikulua partzialki baliogabetuta. Erabaki harekin, euskararen normalizazioan aurrerapausoa emateko «tresna sendo bat» indargabetzeaz gainera, «adostasun sozial handi baten kontra» egin zen: halaxe nabarmendu du agerraldian idazkari nagusiak. Gogoratu du erantzun zabala eman zitzaiola ebazpen hari; hain justu ere, uztailaren 13an 80 alkate eta ehundik gora udal hautetsi batu ziren EAEko Auzitegi Nagusiaren atarian, alkate makila eta uztaiak eskuetan, epaia salatzeko eta kezka adierazteko. Aurrez, UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak ere agerraldi jendetsu bat egin zuen ebazpenaren aurka. Kezka aurretik ere bazetorren, hala ere. Eskisabelek berak gogora ekarri du maiatzean egin zutela aurrena manifestazio handi bat egiteko proposamena. Goibururik gabe egin zuten orduan aurkezpena. «Euskaltzale denek eta hizkuntza berdintasunean» sinesten duten guztiek ontzat emango zuten lelo bat nahi zuten, bateratzailea, eta hain justu horretarako ireki uzten «prozesu irekiaren» emaitza da gaur plazaratu duten leloa. Zer esan nahi duten azaldu du. «Euskararekin bat» esanda adierazi nahi dute «oldarraldi eta olatu erreakzionarioen gainetik» euskararen biziberritzean eragiteko eta sakontzeko garaia dela. «Euskaraz bat» aldarrikatuta, berriz, nabarmendu nahi dute euskara «gizarte kohesiorako tresna» dela. Epai anitzek euskara «segregaziorako» tresna gisara erakutsi nahi izan badute ere, bestelako ikuskera dute manifestaziorako deia egin dutenek: «Gizarte kohesiorako, berdintasunerako eta justizia sozialerako ezinbesteko osagaia da». Erantzun «bateratuaren» beharra Besteak beste, agerraldian izan dira AEK-ko, Elkar fundazioko, Topaguneko, Berbaizuko, Ikastolen Elkarteko eta Gazte Euskaltzaleen Sareko ordezkariak. Amagoia Mujika Tolaretxipi BERRIAko zuzendaria eta Iban Arregi BERRIA Taldeko kontseilari ordezkaria ere bertaratu dira, baita Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendari ohia ere. «Oldarraldiaren aurrean, erantzun bateratua eman beharra dago», azpimarratu du Nekane Artola Ikastolen Elkarteko lehendakariak. Gizarte eragileak eta eragile politikoak biltzeko beharra adierazi du, erantzun «eraginkor» eta «jendetsua» emateko. «Erakutsi behar dugu hemen badagoela herri bat eta euskaltzale mordo bat, horrelako erasoei erantzuna emateko prest». Era berean, Joxe Mari Sors Elkar fundazioko lehendakariak gehitu du elkarlana sustatu behar dela: «Euskara eta euskal kultura aurrera aterako dira elkarlanean jarduten badugu; hori da manifestazioarekin aldarrikatu nahi duguna». Iñaki Zabaleta Urkiola Eusko Ikaskuntzako ordezkariak, gainera, elkarlan horrek «aktiboa» izan behar duela esan du; eta «euskal gizarte modura erreakzionatu» beharra dagoela. «Euskararen inguruko aktibismoa indartu behar dugu, gazteetatik hasita», azaldu du. Zenbat Gara elkarteko Isa Izarzelaia ere agerraldian izan da. «Euskaldunok gutxiago izatera garamatzate oldarraldiek», kritikatu du. «Horri aurre egin behar zaio». Izarzelaiaren ustez, sententziak beste modu bat dira euskaldunak «gutxiesteko, aukerak kentzeko eta nor izateari uzteko». Horregatik, uste du herritarrek manifestazioarekin bat egingo dutela. «Euskaldun moduan, nik uste dut identifikatuko garela. Min egiten digu, eta min hori sentitzen dugu. Hiztun moduan, euskaldun moduan, eta herritar moduan. Txikiagotu egiten gaitu, desagerrarazteko bidean jarriz. Euskara etxe barruko hizkuntza izatera garamatza horrek, intimitatetik kanpo ez erabiltzera. Legearekin topo egin eta legeari dagokion guztia euskaraz egin ahal dugunean, orduan izango gara hiri edo herri euskalduna».
2023-9-26
https://www.berria.eus/albisteak/233239/angel-berrueta-biktima-gisa-aitortzeko-tramitazioa-hasi-dute.htm
Politika
Angel Berrueta biktima gisa aitortzeko tramitazioa hasi dute
Nafarroako eskuin muturraren eta estatuaren biktimak aitortzeko batzordeak 35 eskaera jaso ditu. Batzordea aurreko astean elkartu zen Berrueta-Mañas familiarekin.
Angel Berrueta biktima gisa aitortzeko tramitazioa hasi dute. Nafarroako eskuin muturraren eta estatuaren biktimak aitortzeko batzordeak 35 eskaera jaso ditu. Batzordea aurreko astean elkartu zen Berrueta-Mañas familiarekin.
Nafarroako eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen aitortzarako eta erreparaziorako batzordeak berrekin dio biktimekin elkartzeari, eta Angel Berruetaren senideak hartu ditu. Egiari Zor fundazioak eta Nafarroako Torturatuen Sareak espero dute agerraldi hori «abiapuntua» izatea, «behin betikoz, Angel Berrueta eta haren familia motibazio politikoko biktima gisa aitortuak izan daitezen». Parlamentuak 2019an onartu zuen Eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen aitortzarako eta erreparaziorako foru legea. Ordutik, biktimak aitortzeko eratutako batzorde horrek 35 eskaera inguru jaso ditu. Horiek batzordearen aurrean agertzen ari dira; Berrueta-Mañas familia izan da azkena. Egiari Zorrek eta Torturatuen Sareak salatu dute giza eskubideen urraketa larriak jasandako biktima guztiei ez zaizkiela eskubide berak aitortu oraindik, Espainiako Estatuak sustatutako indarkeriaren biktimak «diskriminatuta» daudelako; horren adibidetzat jo dute Berrueta-Mañas familia. Hori ikusirik, erakunde publikoei eskatu diete aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermea ziurtatzeko: «Egia osoa jakiteko eskubidea». Horretarako, «memoria inklusibo» eta «ez-baztertzaile» baten alde egin dute: «Biktima guztiak aintzat hartuko dituena, kontakizun guztien balioa aitortuko duena, inongo diskriminazio eta asimetriarik gabe». Hala, «ezinbestekoa» da foru legeak irekita abagunea baliatzea, bi eragileen arabera, «Nafarroan jasandako giza eskubideen urraketak ofizialki aitortzeko». Adierazi dute ezen, bana-banako urratsak izan arren, aitorpen ofizial horiek «balio handiko erradiografia» bat eskain dezaketela: «Memoriaren eremuan duen eraginagatik, gertatutakoaren kontakizuna eta bizi dugun gatazkaren izaera politikoa bistaratzen duelako». Beraz, biktimei laguntza eskaintzeko prest agertu dira, prozesuari ekitera animatuz. «Urteetako sufrimendua» Espainiako polizia batek eta haren semeak hil zuten Angel Berrueta, Iruñean, 2004ko martxoaren 13an. Bi egun lehenago, Al-Qaedak atentatu bat egin zuen Madrilen —193 lagun hil ziren, eta milaka zauritu—, baina, hauteskundeen testuinguruan, PPk ETAri egotzi zion hura, nahiz eta frogek kontrakoa adierazi. Horiek horrela, Valeriano de la Peña poliziaren emazteak, Pilar Rubiok, ETA atentatuarekin lotzen zuen kartel bat jarri nahi izan zuen Berruetaren okindegian. Hark uko egin zion, eta, ondoren, De la Peña eta haren seme Miguel Jose de la Peña okindegira joan ziren; labankadaz eta tiroz hil zuten Berrueta. Epaimahaiak ebatzi zuen arrazoi ideologikoengatik hil zutela okina, eta Nafarroako Auzitegi Nagusiak hogei urteko zigorra ezarri zion Valeriano de la Peña poliziari, eta hamabostekoa Miguel Jose de la Peña semeari. 2014ko apirilaz geroztik, baldintzapean aske da Miguel Jose de la Peña. Gerora, senideek askotariko erasoak pairatu dituzte: beilatokian jendeari oldartu zitzaion Polizia; heriotza mehatxuak jasan zituzten; okindegiaren aurkako erasoak sufritu dituzte; eta etxeko atean pintaketak egin dizkiete. «Eta denbora honetan guztian, Nafarroako erakunde publiko bakar batek ere ez ditu biktima bezala ofizialki aitortu», deitoratu dute Egiari Zor fundazioak eta Nafarroako Torturatuen Sareak, eta «hainbeste urteko sufrimendu eta inpunitatea» amaitzeko exijitu.
2023-9-26
https://www.berria.eus/albisteak/233240/txagorritxuko-erizainek-protesta-egin-dute-osakidetzak-larrialdietako-ebakuntzetan-egingo-duen-murrizketagatik.htm
Gizartea
Txagorritxuko erizainek protesta egin dute, Osakidetzak larrialdietako ebakuntzetan egingo duen murrizketagatik
ESK sindikatuak salatu du Osakidetzak «bere kasa» hartu duela erabakia, eta elkarretaratzea egin dute gaur goizean, Txagorritxuko ate nagusian.
Txagorritxuko erizainek protesta egin dute, Osakidetzak larrialdietako ebakuntzetan egingo duen murrizketagatik. ESK sindikatuak salatu du Osakidetzak «bere kasa» hartu duela erabakia, eta elkarretaratzea egin dute gaur goizean, Txagorritxuko ate nagusian.
Arabako ESI erakunde sanitario integratuko erizainak Arabako Unibertsitate Ospitalearen sarreran bildu dira gaur goizean, Osakidetzak gaueko ebakuntza zerbitzuan egingo duen «langile murrizketa» salatzeko. Gaueko larrialdietako ebakuntza geletan erizain taldeak bitik batera jaitsiko ditu osasun zerbitzuak, eta horrek piztu du langileen haserrea. Txagorritxu eta Santiago ospitaleen larrialdi zerbitzuak bateratu direlako egingo du «murrizketa» hori Osakidetzak, baina, erizain batek azaldu duenez —ez du izena eman nahi izan—, langileen lan baldintzak aldatzeko «aprobetxatu» dute bateratzea: «Osakidetzak ez du gure iritzia jaso, ez egutegiak egiteko, ez lan egiteko modua zehazteko». Erabakiak «bere kasa» hartu izana leporatu diote ESK sindikatuak eta langileek, hain zuzen. Langileen kezka nagusia da Arabako biztanleei «estaldura nahikoa» ez ematea. Gasteizen eta Araban lan egiteaz gain, gertuko eskualdeetara ere —Miranda, Debagoiena edo Logroño— joaten dira erizain asko, eta horrek are kezkagarriago egiten du «neurri murriztailea». «Pazienteen segurtasunak» asko kezkatzen ditu langileak: «Larrialdizko ebakuntza gehienak hil ala bizikoak dira, eta, langile gutxiago izanda, horrek ardura handia jartzen du gure gain; estres handia eragiten digu». Aldaketak azarotik aurrera egingo dira, baina erizainek espero dute «arazoa hura iritsi baino lehen» konpontzea. Horretarako, egunero bilduko dira Txagorritxuko ate nagusian, goizean eta eguerdian, Osakidetzak hartutako erabakia indargabetu arte. Ospitaleko gainerako langileak haiekin bat egitera deitu dituzte.
2023-9-26
https://www.berria.eus/albisteak/233241/asier-ezeizari-182-urteko-espetxe-zigorra-ezarri-diote.htm
Politika
Asier Ezeizari 182 urteko espetxe zigorra ezarri diote
ETAk 2003an Alacanten eta Benidormen eginiko bi atentaturengatik zigortu dute.
Asier Ezeizari 182 urteko espetxe zigorra ezarri diote. ETAk 2003an Alacanten eta Benidormen eginiko bi atentaturengatik zigortu dute.
Hiru epaiketa behar izan du Espainiako Auzitegi Nazionalak Asier Ezeiza euskal presoa ETAk 2003an Alacanten eta Benidormen (Herrialde Katalanak) eginiko atentatuekin lotuta zigortzeko. Ezeizak 182 urteko espetxe zigorra onartu du, fiskaltzarekin akordioa eginda. Fiskaltzak 268 urteko espetxe zigorra eskatu zuen Ezeizarentzat, hamalau hilketa saiakeragatik eta kalte handiko bi delitugatik. Azkenean, baina, bi aldeek 182 urteko zigorra adostu dute, nahiz eta gehienez hogei urtekoa izango den. Era berean, inhabilitazioa ere ezarri diote, eta Alacantera eta Benidormera joateko debekua. Hirugarren aldia da Ezeiza ekintza horiengatik epaitu dutena. Aurreko bietan, Auzitegi Nazionalak ebatzi zuen ez zegoela nahiko froga Ezeizak parte hartu zuela baieztatzeko, eta absolbitu egin zuen. Auzitegi Gorenak, ordea, baliogabetu egin zituen ebazpen horiek, eta sententzia egokitzeko agindu zion epaimahaiari. Gorenak argudiatu zuen Auzitegi Nazionalak ez zuela aztertu Ezeizak atentatu haietan «lagundu izana», eta lehen epaiak frogatutzat jo zuela ETAko kidea zela eta 2003ko udan Herrialde Katalanetako kostaldean hainbat «kudeaketa» egin zituela erakunde armatuaren eskariz. Ezeiza 2008an atxilotu zuen Frantziako Poliziak, eta hamabi urteko espetxe zigorra ezarri zioten ETAko kide izatea egotzita. Fresnesen, Tarasconen (Frantzia) eta Mont de Marsanen (Okzitania) egon zen preso. 2020an, baina, Espainiaratu egin zuten, Auzitegi Nazionalak epaitu zezan. Orduan, Soto del Realen (Espainia) egon zen preso, eta, ondoren, Zaballan (Araba), COVID-19ak eragindako pandemiak berriz Frantziaren esku uztea eragotzi baitzuen. Hala, 2020ko maiatzean aske geratu zen, Frantzian ezarritako espetxe zigorra osorik beteta. Auzitegi Nazionalean haren kontrako bi prozesu ireki zituzten. Batetik, ETAk Herrialde Katalanetan egindako ekintzetan parte hartu izana egotzita. Bestetik, Orioko (Gipuzkoa) PSE-EEko zinegotzi Juan Priederen hilketan parte hartzea leporatuta. Auzi harengatik, hemeretzi urteko espetxe zigorra ezarri zion auzitegiak, egileak autoz lekualdatu zituela egotzita. Hala, maiatzetik espetxean da.
2023-9-26
https://www.berria.eus/albisteak/233242/ieak-ez-du-beharrezko-ikusten-erregai-fosiletan-inbertitzea.htm
Ekonomia
IEAk ez du beharrezko ikusten erregai fosiletan inbertitzea
Energiaren Nazioarteko Agentziak uste du petrolioaren kontsumoak 2030ean joko duela goia. Nazioarteko lankidetza handitzeko eskatu du, klima helburuak betetzeko.
IEAk ez du beharrezko ikusten erregai fosiletan inbertitzea. Energiaren Nazioarteko Agentziak uste du petrolioaren kontsumoak 2030ean joko duela goia. Nazioarteko lankidetza handitzeko eskatu du, klima helburuak betetzeko.
Bere ibilbide orria berrikusi du IEA Energiaren Nazioarteko Agentziak, COP28ren hurrengo bilerara begira — azaroaren 30etik abenduaren 12ra bitarte egingo da, Arabiar Emirerri Batuetan—. Dokumentu horretan dio oraindik posible dela Parisko Akordioaren helburuak lortzea, 2050. urterako neutraltasun klimatikoa lortzea eta planetaren tenperatura igoera 1,5 gradu zentigradura mugatzea; eta eransten du petrolio hobi berrietan, ikatz meategietan eta gas ustiategi berrietan inbertitu gabe lor daitekeela hori. Hala ere, uste du gaur egun zabalik daudenak mantendu behar direla eta onartuta dauden proiektuei eutsi behar zaiela, prezioen igoera kaltegarriak saihesteko. COP28ko eztabaida nagusietako bat izango da zer eginkizun izan behar duten erregai fosilek energia trantsizioan. IEAren arabera, helburu hori egingarria da energia berriztagarrien hazkundearen bidez. Haren kalkuluen arabera, 2030erako hirukoiztu egingo da, mundu osoan, teknologia horiek energia sortzeko duten ahalmena, eta erregai fosilen eskaria %25 murriztuko da, %80 2050erako. IEAren arabera, ikatza izango da hemendik 2030era gehien murriztuko den erregaia, eta, ondoren, petrolioa. Gas naturala motelago murriztuko da, hiru arrazoirengatik: industrian gehiago erabiltzen delako, sistema elektrikoaren euskarri gisa erabiltzen delako berriztagarriak eta nuklearra eskari guztiari erantzuteko nahikoa ez direnean, eta hidrogenoa sortzeko erabiltzen delako. Energia berriztagarrien ekoizpen ahalmena handitzearekin batera, IEAk aurreikusten du 2030ean matrikulatutako hiru ibilgailutik bi elektrikoak izango direla. Eta etxe, enpresa eta eraikin publikoetan asko zabalduko direla bero ponpak — edo aerotermia sistemak —, gas galdaren, elektrikoen edo beste erregai fosil batzuk erabiltzen dituztenen ordez. Uste du litekeena dela berokuntza sistema horren salmentak %20 handitzea urtero hemendik 2030era — %11ko hazkundea izan zuten iaz–. Halaber, espero du energiaren sektoreko metano isurketak %75 murriztea. IEAk energia berriztagarrien aldeko prozesua bizkortzeko deia egin du; batez ere, «errenta ertain eta apaleko herrialdeetan». «Ekonomia aurreratuak eta Txina prest daude misioak murrizteko] helburu globala lortzeko, baina politika indartsuagoak eta nazioarteko laguntza handiagoa behar da garatzeko bidean dauden herrialdeentzat». Hala ere, erakundeak ez du ezkutatzen «nazioarteko tentsio gero eta handiagoek» ezbaian jar dezaketela helburu hori. Fatih Birol IEAko zuzendariak gobernuei eskatu die tentsio geopolitikoak eta klimaren helburuak bereizteko eta nazioarteko lankidetza handitzeko.
2023-9-26
https://www.berria.eus/albisteak/233243/araba-bizkai-eta-gipuzkoako-eskola-publikoetan-grebarako-deia-egin-dute-urriaren-24rako.htm
Gizartea
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskola publikoetan grebarako deia egin dute, urriaren 24rako
Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek egin dute deia; sektore publikorako urriaren 25erako eta abenduaren 19rako eginda dauden deialdiez gain, beste bat gehitu nahi izan dute propio hezkuntzarako
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskola publikoetan grebarako deia egin dute, urriaren 24rako. Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek egin dute deia; sektore publikorako urriaren 25erako eta abenduaren 19rako eginda dauden deialdiez gain, beste bat gehitu nahi izan dute propio hezkuntzarako
Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek bat egin dute gaur Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza publikoko irakasle, heziketa bereziko langile, sukaldari eta garbitzaileak grebara deitzeko, langileen «lan baldintzen» alde. Sektore publikorako urriaren 25erako eta abenduaren 19rako eginda dauden deialdiez gain, beste bat gehitu dute propio hezkuntzarako, urriaren 24rako. Premiazko deritzote: «Azken hamarkadan, hezkuntzako langileon lan baldintzak okertuz joan dira, eta Hezkuntza Sailaren aldebakarreko erabakiak nagusitu dira». Aldarrikapen «asko» dituztela esan dute. «Lan zama» arintzeko neurriak eskatu dituzte. Eros ahalmenaren apaltzearekin ere kexu dira: «Galdu dugun %20ko eros ahalmena berreskuratzeko unea iritsi da behingoz». Lantaldeak gaztetu behar direla ere esan dute: «Bai erretiroa aurreratuz, bai eta langile guztientzat jardunaldiaren murrizketa errealak gauzatuz». Bide horretan, lantaldeak «egonkortu» behar direla azaldu dute. Xede zehatz bat dute: «Behin-behinekotasuna %8ra jaisteko eskatzen dugu». Bide horretan LEP eredua sindikatuekin elkarlanean «eguneratzeko» eskatu dute. Hezkuntza sistema eraldatzeko eskea ere badute. «Hezkuntza sistema osoa euskaldunduko duten hezkuntza politikak abiarazi behar dira». Bide horretan, hezkuntzako «langile guztiak» euskalduntzeko plana eskatu dute. «Hezkidetza proiektu errealak» ere galdegin dituzte. Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako hezkuntza lege bat egiteko prozesua abian da, baina orain arte egin den bidean «lan baldintzen inguruko akordioak» lauso ikusi dituzte, «zehaztasunik» gabe, eta uste dute ez zaiela erantzuten langileek mahai gainean dituzten aldarriei. LABek ez du bat egin LAB sindikatuak, berriz, jakinarazi du ez duela bat egingo deialdi horrekin. Uste du zerbitzu publikorako deiturik dauden bi grebetan aski argiak direla aldarriak, eta hezkuntza sistema publikoa indartzeko egokiak: «Hiru sindikatu hauen greba deialdiaren aldarrikapen gehienak orokorrak dira, eta urriaren 25eko eta azaroaren 19ko aldarrikapenetan txertatuta daude. Hor dago hezkuntza publikoko langileen borroka, sektore publikoko beste langileekin batera». Era berean, azaroaren 30erako deituta dagoen greba feminista orokorrean ere jarri nahi du LABek «indarra». Grebara deitu duten sindikatuen jarrera kritikatu du, LAB ez dutelako aintzat hartu: «Adostasunak bilatzeko hasierako borondaterik ez dute izan, eta LAB bazterrean uzten saiatu dira».
2023-9-26
https://www.berria.eus/albisteak/233244/xabier-kalparsororen-heriotzari-buruzko-informazioa-herritarren-esku-jarri-dute-webgune-batean.htm
Politika
Xabier Kalparsororen heriotzari buruzko informazioa «herritarren esku» jarri dute webgune batean
Zumaiako Hegiak elkarteak osatu du, «egia ofizialaren faltan», heriotza haren inguruko informazioa jaso eta plazaratzeko.
Xabier Kalparsororen heriotzari buruzko informazioa «herritarren esku» jarri dute webgune batean. Zumaiako Hegiak elkarteak osatu du, «egia ofizialaren faltan», heriotza haren inguruko informazioa jaso eta plazaratzeko.
1993ko irailaren 26an hil zen Xabier Kalparsoro Anuk zumaiarra. Aurrez, bi egun egin zituen koman, bertsio ofizialaren arabera, Espainiako Poliziaren Indautxuko (Bilbo) egoitzako bigarren solairutik erori ostean. Hiru hamarkada geroago, Zumaiako (Gipuzkoa) Hegiak elkarteak anuk.eus webgunea ireki du, heriotzaren inguruko «egia ofizialaren faltan», Kalparsorori gertatutakoari buruzko informazioa plazaratu eta garai hartako testuinguruari buruzko «zenbait gako» emateko. Elkarte hark eta Egiari Zor fundazioak ekitaldi bat egingo dute gaur arratsaldean, 19:00etan, Zumaiako Moilaberri eremuan, heriotzari buruzko «egia osoa» izateko eskubidea aldarrikatzeko. Informazio gehiago: Torturak blaitutako irail hura Hegiak elkarteak salatu du Kalparsororen heriotzatik 30 urte pasatu diren arren «oraindik argitu gabe» daudela haren ingurukoak. Hala, Kalparsororen atxiloketekin eta heriotzarekin zerikusia duten zenbait gertakariren inguruko informazioa pilatu dute webgunean, gertatutakoa «herritarren esku» uzteko asmoz. Era berean, 1980ko eta 1990eko hamarkadetako testuinguru politiko eta soziala ere jorratzen dituzte webgunean. Xedea da «komunitatearen indarra eta memoria historikoa gorde eta sortzeko konpromisoa» adieraztea, egileen esanetan. Kalparsoro Durangon (Bizkaia) atxilotu zuten, 1993ko irailaren 24an. Haren atxiloketa, ordea, ezohikoa izan zen. Bi udaltzainek harrapatu zuten, ustez furgoneta bat lapurtzen saiatu ostean. Haiek adierazi zuten gazteak portaera arraroa zuela, eta «drogatuta» egotearen zantzuak zituela. Kalparsoro, baina, Espainiako Poliziaren esku utzi zuten, Carlos Bueren epaileak hala aginduta, ETAko kidea baitzen. Poliziek Indautxuko egoitzara eraman zuten. Han, bertsio ofizialaren arabera, bere burua bota zuen bigarren pisuko leiho batetik, eta bi egun geroago hil zen, Basurtuko ospitalean. Poliziak adierazi zuen Kalparsoro «zaindari bakarrarekin» zegoela, «eskuburdinarik gabe» eta garagardo bat edaten. Bertsio hura, baina, hasiera-hasieratik zalantzan jarria izan zen, Kalparsoro Lege Antiterroristapean eta inkomunikazioan baitzegoen. Gainera, ETAk ere agiri bat plazaratu zuen esanez Kalparsorok erakundeari jakinarazi ziola abuztuaren amaieran atxilotu, torturatu eta drogatu egin zuela Ertzaintzak. ETAren esanetan, horren ostean libre utzi zuten, erakundeko kide gehiagorengana eramango zituelakoan. Kalparsororen heriotzagatik, lau polizia epaitu zituzten; horietako biri sei hilabeteko zigorra ezarri zieten «zuhurtasun gabezia» leporatuta, baina ez zituzten espetxeratu. Ertzaintzaren ustezko atxiloketaren inguruko auzia, berriz, artxibatu egin zuten.
2023-9-26
https://www.berria.eus/albisteak/233245/zortzi-dantza-ikuskizun-eskainiko-ditu-dantzaldia-jaialdiak.htm
Kultura
Zortzi dantza ikuskizun eskainiko ditu Dantzaldia jaialdiak
Gaur hasiko du 24. aldia, eta, abendura bitarte, Euskal Herriko eta nazioarteko konpainiak ikusteko aukera egongo da.
Zortzi dantza ikuskizun eskainiko ditu Dantzaldia jaialdiak. Gaur hasiko du 24. aldia, eta, abendura bitarte, Euskal Herriko eta nazioarteko konpainiak ikusteko aukera egongo da.
Urte luzez nazioartean ibili ondoren etxera itzultzea erabaki duten euskal artistak omenduko ditu aurten Dantzaldia Bilboko Nazioarteko Dantza Jaialdiak. Horixe nabarmendu du gaur goizean Laura Etxebarria festibalaren zuzendariak, Bilboko Rekalde aretoan egindako aurkezpenean: «Joan-etorriko bidaia hori egin duten eta Euskal Herrian finkatuta dauden dantzari eta koreografo horiek ezagutzea da asmoa». Horren adibide izango dira Asier Zabaleta, Igor Calonge eta Olaia Valle, aurtengo egitarauan parte hartuko duten dantzariak. Zehazki, gaur arratsaldean abiatuko da 24. jaialdia, eta, abendura bitarte, dantza garaikidearen zenbait ezpal bilduko dituzte. «Dantza garaikidea publiko zabalari helaraztea» du helburu jaialdiak, Etxebarriak azaldu duenez. Eta asmo hori betetzen ahaleginduko dira aurten ere. Gaur arratsaldean egingo dute lehenengo emanaldia, Bilboko Rekalde aretoan: Galiziako Colectivo Glovo taldeak Alleo lana aurkeztuko du. Esther Latorre eta Hugo Pereira konpainiako zuzendariek interpretatuko dute pieza, eta zaintza lana izango da abiapuntua. Bilboko Arte Ederren Museoan izango da bigarren saioa, urriaren 3an. Chey Jurado & Javito Mario taldeak Samsara ikuskizuna eskainiko dute. Haren ondotik, Asier Zabaleta dantzari eta koreografoaren Ertza konpainiak Otempodiz aurkeztuko du. Museoaren eraikin zaharreko atarian izango da emanaldia. Filipe Moreira koreografoaren txanda urriaren 29an izango da, Fundicion aretoan. Isiltasunari buruzko Escuta ikuskizuna eskainiko du. Azaroan, berriz, hiru hitzordu egongo dira: Estevez & Paños konpainiak Triptico#1 aurkeztuko du; Jesus Rubiok Acciones sencillas; eta Madrilgo Stocos institutuak Oecumene. Hilaren 11n, 18an eta 23an izango dira horiek, hurrenez hurren. Igor Calonge dantzari eta koreografoaren Cielo Raso konpainiak itxiko du aurtengo aldia, abenduaren 14an. Fikzioaren eta errealitatearen artean dabilen Hamaika emanaldia eskainiko dute. Dantza eta ikus-entzunezkoak Dantza emanaldiez gainera, zinema proposamen bat ere izango da jaialdian. Jean Nesprias, Philippe Oihanburu eta Koldo Zabala dantzariei buruzko dokumentala proiektatuko dute azaroaren 2an, Fundicion aretoan: Oroitzen naiz. 2011. urtean egindako koreografia bat jasotzen du ikus-entzunezkoak, eta dantzarien gorputzaren zahartzea irudikatzen du. Etxebarriaren arabera, baina, asmo nagusia ez da izango omenaldi bat egitea: «Hiru protagonistek dantzari eskaini diote euren bizi osoa; gizatasun osoa eman nahi dugu argitara». Mizel Theret aritu da zuzendari. 2000. urtean abiarazi zuen Dantzaldia Bilboko Fundicion aretoak, eta Bizkaiko Foru Aldundiak babesten du programa.
2023-9-26
https://www.berria.eus/albisteak/233246/feijook-esan-du-berak-ez-diela-uko-egin-bere-printzipioei.htm
Mundua
Feijook esan du berak ez diela uko egin bere printzipioei
Espainiako Kongresuan egin duten inbestidura prozeduraren lehen saioan, PPko presidentegaiak berretsi du amnistiak eta autodeterminazioak ez dutela tokirik bere gobernuan. Sei estatu itun eta bi neurri aurkeztu ditu.
Feijook esan du berak ez diela uko egin bere printzipioei. Espainiako Kongresuan egin duten inbestidura prozeduraren lehen saioan, PPko presidentegaiak berretsi du amnistiak eta autodeterminazioak ez dutela tokirik bere gobernuan. Sei estatu itun eta bi neurri aurkeztu ditu.
Protokolozko hasiera eman dio Alberto Nuñez Feijoo PPko presidentegaiak gaur Espainiako Kongresuan hasi zen inbestidura prozedurari. Eskerrak eman dizkie alderdikideei, Kongresuko diputatuei, eta, batez ere, uztailaren 23ko boz orokorretan haren alde bozkatu zuten herritarrei. Edonola ere, derrigor esan beharrekoak amaitu eta berehala mintzatu da Kataluniako subiranistek eskatutako amnistiaren eta autodeterminazioaren kontra. Argi esan du beste behin: «Aurkeztuko dizuedan proiektuan ez dago tokirik ez amnistiarentzat, ez autodeterminazioarentzat. Niretzat, aukera horiek ez dira onargarriak ez juridikoki, ez etikoki. Konstituziotik kanpo, ez dago demokraziarik». Gero, segidan aipatu du PSOEko presidentegai eta Espainiako Gobernuko jarduneko presidente Pedro Sanchez. Izan ere, Sanchezek esan du ez diola atea ixten Kataluniako prozesu subiranistaren ondorioz errepresaliatutakoei amnistia emateari, hori baliagarria baldin bazaio Kataluniako indar independentisten babesa lortu —JxC Junts Per Catalunyarena eta ERC Esquerra Republicanarena— eta hala presidente hautatua izateko. Baina Feijooren esanetan, uztailaren 23an beren botoa Alderdi Popularrari eman zioten herritarrei huts egitea litzateke JxCk eta ERCk beren babesaren truke eskatutako baldintzei men egitea. Eta, eskakizun horien aurrean, Sanchezenarekin alderatu du bere jarrera: «Beste alderdi batzuekin akordioak adostu dituzte batzuek [PPk], baina beren printzipioei eta konpromisoei uko egin gabe». Feijook Espainiako hurrengo presidente izateko aukera eskura duela ziurtatu du: «Nire alderdiak irabazi zituen hauteskundeak. [...]. Presidente izateko nahikoa boto ditut eskura». Kongresuko diputatuen barreak eragin zituen azken iruzkin horrek, oraingoz kontrakoa baitiote matematikek. PPko buruak Sanchezi esan zion JxCren botoak eskuratu ditzakeela: «Bioi gauza bera eskaini digu. Alde bakarra da hari erantzun diezaioketen bi hautagaietako bakoitzaren zintzotasuna; zurea eta nirea». Feijook nabarmendu du ez dagoela prest amnistia bat onartzeko presidente izendatua izateko. Gobernuburu kargua lortzeko, gehiengo osoa beharko luke Feijook gaurko bozketan; hau da, 176 boto. Oraingoz, ordea, 172 ditu: PPren 137, Voxen 33, UPNren bat eta CC Koalizio Kanariarraren bat. Ostiraleko bozketan gehiengo soila lortzea ere kosta egingo zaio, gaur-gaurkoz diputatu gehiago baititu kontra alde baino. Halere, tartea hartu zuen alde dituen horiei eskerrak emateko: Voxeko, UPNko eta CCko diputatuei, alegia. Segidan, elkartasunerako deia egin du. Horretarako, berriro aipatu zituen amnistia, autodeterminazioa eta alderdi independentistak. «Aukeraketa hau [Feijooren eta Sanchezen artekoa] erabakigarria izango da. Erabaki beharko dugu komunean duguna zaindu, edo interes pertsonalek bultzatutako amildegi bat zulatzen jarraitu». Feijoorentzat, 80ko hamarkadako trantsizioa litzateke «elkartasun horren adibiderik zintzoena». Sei itun eta bi neurri Saioa hasi eta ordu erdira, presidente izango balitz abian jarriko lukeen programa aurkeztu du popularrak. Sei estatu itun plazaratu ditu: erakundeen kalitaterako eta eraberritze demokratikorako ituna; ekonomia saneatzeko ituna; familien aldeko ituna; ongizate estaturako ituna; uraren kudeaketa nazionalerako ituna; eta, azkenik, lurralderako ituna. Zenbait xehetasun aurreratu ditu itun horiek bultzatuko lituzketen erreformen inguruan. Horien artean daude, adibidez, CGPJ Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia berritzea, eta «gobernuko erakundeen independentzia politikoa sustatzea». «Ez Fiskaltza, ez CNI Espainiako zerbitzu sekretua, ez dira inoren erakunde pribatuak». Bestalde, ekonomiari dagokionez, proposatu du enpresari txikiek zergarik ez ordaintzea beren jarduera ekonomikoa hasi eta lehen bi urteetan. Sei itun horiez gain, gobernuko presidentea balitz abian jarriko lituzkeen bi neurri iragarri ditu Feijook, Katalunian balizko aldebakarreko prozesu subiranista bat zigortze aldera: desleialtasun konstituzionalaren delitua indarrean jartzea, batetik; eta funts publikoak bidegabe erabiltzeagatik Zigor Kodeak ezartzen dituen zigorrak areagotzea, bestetik. Azkenik, inola ere beteko ez dituenak ere zehaztu ditu. «Ez dut bultzatuko Espainiako herritarren artean mintzatzeko hizkuntza koofizialak erabiltzea, ezta Kongresuan ere». Abagunea baliatu du, beste behin, Sanchezen eta haren alderdiko kideen erabakiaren aurka egiteko —Espainiako Kongresuan euskara, katalana eta galiziera erabili ahal izatea, alegia—. Sanchezen erantzunik eza erantzuna ote? Ordu eta erdiko etenaldiaren ondoren ekin diote berriro inbestidurako lehen saioari, 15:30ean. Feijooren agerraldiaren ondoren, hark esandakoei erantzuteko aukera izan dute Kongresuko gainontzeko talde parlamentarioek. Diputatu gehien duen taldetik hasita, sozialistak izan dira PPkoari erantzuten lehenak. Hitz egiten hasi baino lehen hartu du lehen kolpea PPk: Sanchezek erantzun ordez, PSOEko diputatu eta Valladolideko alkate ohi Oscar Puentek hartu du hitza. Errespetu faltatzat jo dute hori PPkoek, eta «gehiegikeriaz» jokatzea egotzi diote sozialisten presidentegaiari. Puente zuzenean mintzatu zaio Feijoori, eta, besteak beste, zalantzan jarri zituen hark iragarritako bi neurriak —desleialtasun konstituzionalaren delitua indarrean jartzea eta funts publikoak bidegabe erabiltzeagatik Zigor Kodeak ezartzen dituen zigorrak areagotzea—. Diputatu sozialistaren arabera, neurri horiek indarrean jarriko balituzte «Alderdi Popularreko diputatuen erdiek baino gehiagok» eten behar lukete beren jarduera politikoa, baita Feijook berak ere. Uztailaren 23ko bozetatik hona, popularrak zera azpimarratu du: hark eta haren alderdiak irabazi zituztela hauteskunde orokorrak. Baina Puentek aurpegiratu dio hori ez dela horrela, eta, gogorarazi Kongresuko diputatuen gehiengo osoaren edo soilaren babesa beharko duela gobernua osatu ahal izateko. Edonola ere, azpimarratu du ez duela PSOEren babesik izango horretarako. «Pentsaezina da bi alderdiek gobernua batera osatzea». PSOEren babesik ez du izango Feijook, baina Voxena bai, eskuin muturreko alderdiko buru Santiago Abascalek berretsi duenez. PPk ia-ia hasieratik eduki du ziurtatuta eskuin muturraren botoa, baina Abascalek bi eskakizun egin dizkioin bien arteko «harreman onari eusteko»: batetik, «milioika espainiar gutxiesten» dituzten horien ondotik aldentzeko; eta, bestetik, koalizioan haiekin izango dituzten Voxeko diputatuak eta asmoak ez kritikatzeko. Sumarreko bozeramaile Marta Loisen esanetan, Feijooren inbestidura saiakera «inora ez doan bidaia bat» da, eta herritarrei «denbora galaraztea» leporatu dio. Loisen iritziz, PPko buruak ez du presidente izendatua izateko inolako aukerarik, «eskuin muturrarekin duen aliantzak ustez ordezkatzen duen herrialdetik urruntzen duelako». PPko presidentegaiak inbestitua izateko aukerarik ez duela nabarmendu zuen ERCko bozeramaile Gabriel Rufianek ere. Haren esanetan, «ezinezkoa» da, Feijook ordezkatzen duen eskuinak «herrialdearen erdia gorrotatuz» gobernatu nahi duelako. Rufianek amnistia zilegi dela erantzun dio hautagai popularrari, eta adierazi du «blokeo instituzionalak eta gatazka politikoak konpontzeko historikoki erabili den mekanismo bat» dela. Baina PSOEri ere zuzendu zaio ohartarazteko amnistiak «ezer gutxirako» balioko duela Kataluniaren estatus politikoari buruzko erreferendum bat adosten ez bada. Kongresuko gaurko saioa Feijooren inbestidurarako bigarrena dela esan du JxCko eledun Miriam Noguerasek. «Lehenengoa igandean izan zen», haren arabera, PPk Madrilen egin zuen mobilizazioari erreferentzia eginez. «Ezin esan ez zenutenik argi hitz egin: Espainia bakarra, eta ez 51; Puigdemont, kartzelara». Nogerasek PPri egotzi dio bere Kataluniaren aurka aritzea, eta ez independentismoaren aurka. «Independentismoa horren ondorio bat da». Noguerasen iritziz, Espainiako Estatuak «periferiako lurraldeak estraktibismo batekin zukutzen» ditu. Estatuko ezkerraren jarrera ere gaitzetsi zuen, haren iritziz, sistema horri kontra ez egitearren, «ultraeskuinarekin elkarlanean» aritzen delako.
2023-9-26
https://www.berria.eus/albisteak/233247/felix-aio-biolin-jotzailea-hil-da.htm
Kultura
Felix Aio biolin jotzailea hil da
Igandean zendu zen, Erroman, 90 urte zituela.
Felix Aio biolin jotzailea hil da. Igandean zendu zen, Erroman, 90 urte zituela.
«Harrotasunez esan dezakegu agertokian harekin batera egoteko zortea izan dugula». «Atsekabe handiz» eman du BOS Bilboko Orkestra Sinfonikoak Felix Aio (Sestao, Bizkaia, 1933-Erroma, 2023) biolin jotzailearen heriotzaren berri. Makina bat aldiz aritu zen oholtzan haiekin, eta 2008. urtean eman zuten azken kontzertua elkarrekin. «Haren grabazioak eta ikasleei urte luzez helarazitako ezagutzak gordeko ditugun arren, hutsune handia eta betirako aztarna utziko du gure orkestran». Herenegun hil zen musikaria, 90 urterekin. Oso gazte zela amaitu zituen musika ikasketak Bilboko Kontserbatorioan. Hainbat hiritan jarraitu zuen gerora musika ikasketekin: Parisen, Sienan eta Erroman. 1952an, I Musici taldea sortu zuen beste hainbat musikarirekin batera, eta hamasei urtez aritu zen talde horretan bakarlari gisa. Aurrerago, Europako hainbat herrialdetan hasi zen jotzen, Ganbera Musikarekin. 1970ean, Quartetto Beethoven di Roma taldea sortu zuen, «munduko laukoterik onenetako bat», BOSen iritziz. Musika eskolak ere eman zituen Kanadan, Australian, Danimarkan, AEBetan, Espainian, Italian, Alemanian eta Japonian, eta epaile ere aritu zen, munduko biolin lehiaketarik garrantzitsuenetako batzuetan. Hainbat sari jaso zituen bere ibilbidean, hala nola Biolin Sari Berezia, Italiako Kritikaren Saria, Kritika Diskografikoaren Saria eta Diskoaren Sari Nagusia.
2023-9-26
https://www.berria.eus/albisteak/233248/jaurlaritzak-eta-acicaek-ontzat-hartu-dute-euro-7-biguntzeko-ahalegina.htm
Ekonomia
Jaurlaritzak eta Acicaek ontzat hartu dute Euro 7 biguntzeko ahalegina
Tapiaren arabera, EBko gobernuek jarritako epe berriak «ia-ia ezin ziren bete».
Jaurlaritzak eta Acicaek ontzat hartu dute Euro 7 biguntzeko ahalegina. Tapiaren arabera, EBko gobernuek jarritako epe berriak «ia-ia ezin ziren bete».
Eusko Jaurlaritzak auto industriarekin bat egin du, eta ontzat jo du Euro 7 araua urardotzeko Europako Batasuneko gobernuek egin duten proposamena. «Beharrezko neurria zen, ia-ia ezinbestekoa», ziurtatu du Arantxa Tapia Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburuak. Astelehenean egindako bileran, Europar Kontseiluak proposatu zuen Euro 7 araua indarrean jartzeko epea bi urtez atzeratzea —2027 arte autoentzat, eta 2029 arte kamioientzat—, eta haren eskakizunak apaltzea: pneumatikoek eta galgek isuritako partikulak gutxitu beharko dituzte, baina autoek ez dituzte CO2 eta NOX muga txikiagoak izango —bai, ordea, kamioiek—. Ministroena proposamen bat da, eta orain Europako Legebiltzarrarekin negoziatu beharko dute. Europako autogileen elkarteak, ACEAk, txalotu egin zuen gobernuek erabakitakoa. Haien argudioa da orain errekuntza motorrak araura egokitzeko gastatu behar ez duten dirua eta arreta jarri ahal izango dituztela auto elektrikoen garapenean. Erregai sintetikoen alde «Goiz edo berandu etorri behar zuen neurri bat zen, ekonomiarentzat giltzarri den sektore batean ziurgabetasuna, ondoeza eta segurtasunik eza sortzen ari baitzen», esan du Tapiak, Gasteizen. Haren iritziz, aurretik zeuden epeak «ia-ia ezin ziren bete» eta oraingoak errealistagoak dira. Sailburuak nabarmendu du helburu nagusia dela 2050. urterako garraio sektoreak erregai fosilak ez erabiltzea, eta horretarako «aukera guztiak» baliatu behar direla, baita erregai sintetikoena ere. «Ez dira irtenbidea, baina garraio astunaren kasuan lagundu egiten dute, ezin baita berehalakoan elektrifikatu». Acicae autogintzako klusterra ere pozik azaldu da EBko gobernuek «arnasa pixka bat» eman diotelako sektoreari. Haren iritziz, politikaren mundutik «presio gehiegi» jartzen ari dira ingurumen kontuetan, eta industriak «ezin ditu bete».
2023-9-26
https://www.berria.eus/albisteak/233249/bizkaiko-ostalaritzako-langileek-grebari-eutsiko-diote.htm
Ekonomia
Bizkaiko ostalaritzako langileek grebari eutsiko diote
ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, elkarretaratzea egin dute Bilbon, Bizkaiko Ostalaritza Elkartearen egoitzaren aurrean.
Bizkaiko ostalaritzako langileek grebari eutsiko diote. ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, elkarretaratzea egin dute Bilbon, Bizkaiko Ostalaritza Elkartearen egoitzaren aurrean.
ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek Bizkaiko Ostalaritza Elkarteari eskatu diote eser dadila «behingoz» ostalaritzako hitzarmenaren inguruan negoziatzera. Azaldu dute hitzarmena berritu gabe dagoela 2020tik, eta «hitzarmen duin» bat nahi dutela. Ordutik KPIa %12,9 igo da, eta langileen soldatak ez dira aldatu. Patronalaren «immobilismoa» salatu dute oraingoan ere, eta jarrera hori «arduragabetzat» jo. Esplikatu dutenez, mobilizatzen jarraitzea da horri aurre egiteko ikusten duten «aukera bakarra». Joan den astean iragarri zuten bezala, urriaren 4rako, 11rako eta 12rako grebara deitu dituzte sektoreko 25.000 langileak. Horietatik 8.000 autonomoak dira, sindikatuen esanetan. Greba egun horietan, kolektibitateen eta hotelen sektoreetan jarriko dute arreta. Marije Fernandez ELAko ordezkariak azaldu du ostalaritzako langileentzat oso zaila dela jarduera etetea, eta askotan negozioak irekita egoten direla greba egunetan. Hala ere, uztailean egindako lanuzteek «arrakasta» eta parte hartze «handia» izan zutela gaineratu du.
2023-9-26
https://www.berria.eus/albisteak/233250/agur-indiaren-ilargiko-ametsari-han-jarritako-gailuak-ez-baitira-iratzarri.htm
Bizigiro
Agur Indiaren Ilargiko ametsari, han jarritako gailuak ez baitira iratzarri
Indiak espaziontzi bat eta ibilgailu bat jarri zituen Lurraren satelitearen hego poloan abuztuaren amaieran. Irailaren 2an, lotan jarri zituzten, bi asteko gauari eusteko, baina ez dute lortu berriz piztea.
Agur Indiaren Ilargiko ametsari, han jarritako gailuak ez baitira iratzarri. Indiak espaziontzi bat eta ibilgailu bat jarri zituen Lurraren satelitearen hego poloan abuztuaren amaieran. Irailaren 2an, lotan jarri zituzten, bi asteko gauari eusteko, baina ez dute lortu berriz piztea.
Abuztuaren 23a «egun historiko» izendatu zuten Indian. Izan ere, misio bat Ilargiaren hego polora eramatea lortu zuen Asia hegoaldeko herrialdeak. Inork ez zuen ordura arte halakorik egin, eta Errusiak eta Japoniaren azken saioek huts egin zuten. Beraz, are nabarmenagoa izan zen arrakasta, kontuan hartuta India garatzeko bidean dagoen herrialde bat dela. Haatik, litekeena da Indiaren amets ilargitarra uste baino lehen amaitzea, gailuekiko komunikazioa galdu dutelako. Chandrayaan-3 misioan zunda bat jarri zuten satelitearen orbitan. Ontzi horretatik,Vikram gailua atera zen, Ilargiaren lurrazalera jaisteko. Ilargiratzea ondo egin zuela eta gailua onik zegoela baieztatu ostean, Pragyan izeneko 30 kiloko ibilgailu bat atera zen handik. Horrek tresna zientifikoak zituen, eta astebete pasatu zuen lanean, Ilargiaren hego poloko zorua aztertzen, besteak beste, han omen dagoen uraz baliatzeko moduak aurkitzeko. Baina Ilargiaren inguru hori latza da. Besteak beste, han gauak bi aste irauten duelako. Eguzkiaren argirik jasotzen ez duenean, zero azpitik 250 gradura jaitsi daiteke tenperatura. Gailuon sistema elektrikoentzat oso arriskutsua da tenperatura horietan lan egitea, eta, haiek babesteko, makinak hibernatzen jarri zituzten irailaren 2an. Kalkulatu zutenez, irailaren 22rako, joan zen ostiralerako, berriz ikusiko zuten Eguzkia eremu horretan, tenperaturak berriz epelduko ziren, eta gailuon eguzki panelek berriz sortuko zuten argindarra, bateriak kargatzeko. Eguzkiak egin du bere lana, noski, baina Indiako zientzialariek ez dute lortu gailuekin komunikatzea, haiei iratzartzeko agindua emateko. Ostiralean iragarri zuten arazoak zituztela, baina ISRO Espazioa Ikertzeko Indiako Erakundeak gaineratu zuen jarraituko zutela ahaleginak egiten gailuekin komunikatzeko. Geroztik, ez dute ezer adierazi, eta, denbora igaro ahala, gero eta txikiagoa da itxaropena. Izan ere, larunbatera arte daukate azken ahaleginak egiteko hurrengo bi asteko gaua hasi aurretik. Litekeena da, beraz, gailuek hotza jasan ez izana. Halakoetan ohi den bezala, agintariek eta misioaren arduradunek nahiago izan dute misioaren argiak nabarmentzea. Misioa dagoeneko «arrakasta handia» izan dela adierazi du ISROk, eta, idatzi dutenez, gailuak «esnatzen ez badira ere, Ilargian geratuko dira Indiaren enbaxadore gisa». Arrazoia badute hein batean, India izan baita Ilargiko hego poloan gailu bat jarri duen lehenengo herrialdea, eta satelitean lurreratu den laugarren herrialdea, AEB Ameriketako Estatu Batuen, Txinaren eta SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunaren atzetik. Ilargia lehia eremua izan da azken hilabeteetan potentzia handientzat. Errusia Luna-25 gailua Ilargiratzen saiatu zen abuztuaren 20an, baina komunikazioa galdu zuen. Japoniak Hakuto-R zunda bidali zuen satelitearen lurrazalera, apirilaren 25ean, baina komunikazioa galdu zuten, eta ontzia hautsi egin zen Ilargiaren zorua jotzean. Ilargiko hego poloa interesgarria da, uste baitute ur izoztuz beteriko erreserba handiak daudela han. Ura Ilargian bertan egoteak aukera emango luke satelitean base bat jartzeko, astronautek han bertan eskuratuko bailukete bizitzeko edaria eta oxigenoa. Eremu hori hobeto ezagutzea zen Indiaren misioaren helburuetako bat. Ikusi beharko da zenbat informazio atera dezaketen ibilgailuak han astebetez eginiko lanetik. Edonola ere, lanean ari dira beste misio batzuetan. India Chandrayaan-4 proiektua lantzen ari da dagoeneko JAXA Japoniako Espazio Agentziarekin. Indiak Ilargira jaisteko ontzia egitea da asmoa, eta Japoniak, berriz, han informazioa jasotzeko ibilgailua. Edonola ere, hotzaren aurkako sistemak hobetu beharko dituzte, gailuok are leku latzagora eraman nahi dituztelako: inoiz Eguzkiaren argirik ikusten ez duen hego poloko eremura, han izotz asko egongo delakoan. 2026-2028rako egin asmo dute. Ikusi beharko da egunotako arazoak nola eragiten dion egitasmoari.
2023-9-26
https://www.berria.eus/albisteak/233251/plazara-atera-dira-euskara-hurbilago-sendoago-eta-praktikoago-izan-dadin.htm
Gizartea
Plazara atera dira euskara hurbilago, sendoago eta praktikoago izan dadin
Plazara elkartean aurkeztu dute Azkainen, euskalgintzako eragile berri gisa, eta lehendik direnen osagarri. Askotariko tresnak eta zerbitzuak eskaini nahi dituzte. Urte bukaera aitzin kooperatiba izatera iritsi nahi dute, eta atxikimendu kanpaina abiatu dute.
Plazara atera dira euskara hurbilago, sendoago eta praktikoago izan dadin. Plazara elkartean aurkeztu dute Azkainen, euskalgintzako eragile berri gisa, eta lehendik direnen osagarri. Askotariko tresnak eta zerbitzuak eskaini nahi dituzte. Urte bukaera aitzin kooperatiba izatera iritsi nahi dute, eta atxikimendu kanpaina abiatu dute.
Bi zango eta bi beso. Lau ardatz izanen ditu Plazara elkarteak: komunikazioa, aholkularitza, formakuntza eta plazagintza. Orain dela hamabi hilabete abiatu zuten proiektua, eta gaur aurkeztu dute, Azkaineko plazan (Lapurdi). Eneko Gorri, Irati Fernandez Arbelaitz, Xan Aire eta Kamila Harluxet Gratien dira proiektuaren eramaileak, baina euskalgintzako eragileen eta hainbat herritarren babesarekin aurkeztu dute, eta atxikimendu kanpaina bat abiatuko dutela iragarri dute. Plazalagunak eta plazakideak bildu nahi dituzte, 10 eta 50 euro arteko urteko bazkidetzarekin –prezio librea ere eskainiko dute–; Euskal Herri osoko euskalzaleei dei egin diete abiatu duten egitasmoa babes dezaten. Udazken honetan lehen lanpostuak sortu nahiko lituzkete, eta urte bukaerarako Europa mailako kooperatiba bilakatzeko prozesua abiatuko dute. «Jende asko ari da euskalgintzan arlo askotan, eta iruditzen zitzaigun zerbait ekartzen ahal genuela, eragileak laguntzen euskara gehiago eta hobeki erabiltzen. Batzuetan ez dakigu gauzak nola egin, euskararen alde zer egin. Arlo horretan nahi dugu zerbait ekarri», azaldu du Fernandezek. Landu nahi dituzten lau ardatz horiek hainbat zerbitzu eta tresnatan bildu dituzte: itzulpenak, komunikazio kanpainak, sentsibilizazio tresnak, euskara planak, kontseilu praktikoa, ikerketak, iniziazioak, aktibazio tailerrak, gogoetaldiak, hiztun komunitateen arteko lankidetza, ekitaldi antolaketa eta auzolanak. Airek esplikatu du «biziki errazki» urrundu daitekeela euskararen mundutik. «Bada lanketa bat egitekoa horren inguruan». Erdaldunarentzat euskara hurbilago izatea «funtsezkoa» zaie, eta harentzako euskaltzaletasun bat ere atzematea, euskara ikasteko bide bat hurbilago izatea. «Ikasten ari direnak, ikasi berri dutenak eta euskaldunak direnak ere, ikusten dugu urruntzen ahal direla aski errazki euskara erabiltzetik egunerokoan, eta hor sendoago nahi ditugu utzi euskaldunak beren egunerokotasunean euskara erabiltzen, eta bereziki arrazoinamendu bat atzematen egunerokoan euskara erabiltzeko eta euskaraz bizitzeko». Bada erabileraren gaia, baina bada «zergatik eta zertarako» eginen duen euskaraz euskaldunak goizean jaikitzen denean. «Eta praktikoago, hori ikusten baitugu anitz egituretan, izan publiko ala pribatu, gauzak euskaraz ere egiteak konplikatzen ahal duela egitura baten bizia edo komunikazioa. Gu horretarako ere hor gara, errateko ezetz: aberastuko duzu zure komunikazioa, hobetuko duzu menturaz, eta zuk uste ez duzun oihartzun bat bilduko duzu bidean euskaraz ere funtzionatuz». Herri mugimenduan kokatu dute beren burua, euskalgintzako eragile moduan, baina jadanik dagoenaren osagarri izan nahi dute. «Guk ez dugu jendea euskaldunduko, ez ditugu egiturak labelizatuko. Horretan biziki ongi ari diren eragileak badira», zehaztu du Fernandezek. «Iniziazio eta tresnen bidez, gure xedea da erdaldunaren eta euskaltegiaren arteko bidea laburtzen laguntzea, ikasten ari direnak usaia berrien hartzera akuilatzea eta euskaldunak lotsa batzuk askatzera bideratzea». Onartu dute arriskua egon litekeela erakunde publiko batzuek iniziazioa euskalduntzearen alternatiba gisa har dezaten, eta argi mintzatu dira: halako eskaerarik izanen balute, ezezkoarekin erantzunen dute. Gaur-gaurkoz, 43 egiturarekin partaidetzan aritu dira, eta horien artean dira Euskarabentura, Garabide eta Soziolinguistika Klusterra. Hori azpimarratu du Airek. Orain dela aste pare bat Rifeko bost amazig aste batez etorri ziren Euskal Herriko eragileekin lanean aritzera. Urrian, berriz, Hego Amerikako hainbat aktibistak formakuntza ibilbide bat eginen dute. «Asko dugu ikasteko batak bestearengandik», Aireren hitzetan. «Mundu mailan beren hizkuntza eta kulturaren alde borrokatzen diren populuek inspiratzen gaituzte». Hori litzateke nazioarteko plaza batean biziberritzen ari diren beste hizkuntzekin elkarlan bat eramatea. Atxikimendu kanpaina Urte bateko ibilbidearen ondotik ez dute kausitu lanposturik sortzea: denbora osoz dedikatzen diren kideak langabezia edo auto-enpresari estatutupean dira. Azarotik aitzina sortu nahiko lituzkete lehen kontratuak, progresiboki. Baina bitartean ez dute proiektu berririk abiatu gabe egon nahi. Helburu horrekin abiatu dute Plazatik altxa dezagun Plazara kanpaina. «Plazara sostengatzeko molderik onena bazkidetzea da», azpimarratu du Harluxetek: «Herri oldar bat sentitu nahi genuke gure proiektuaren gibelean». Urteko bazkidetza bat proposatuko dute, 10, 20 edo 50 eurokoa. Horiek plazalagunak izanen dira. Baina plazakide bilakatzeko aukera izanen dute, proiektuan inplikatuz bere disponibilitate eta zaletasunen arabera. «Plazara ez da bost lagunen proiektua izatera mugatuko; nahi dutenek aukera izanen dute formakuntzak animatzeko, plaza publikoetara euskara ekartzeko, materiala hedatzeko, tresnen diseinuan parte hartzeko... Formakuntza eta prestaketa segurtatuko dugu beharra izanez gero». Euskararen egoerak «kezka» eragiten diela azpimarratu dute: konpromisoa hartu dute euskalgintzaren egoera kaskarra eta datuek agerian uzten duten etorkizun iluna gainditzeko lanean segitzeko, baina eragile batzuek izan lezaketen «basque-whashing» tentazioa saihestekoa ere bai.
2023-9-26
https://www.berria.eus/albisteak/233252/eh-bai-senatari-berriekin-lan-egiteko-prest-agertu-da.htm
Politika
EH Bai senatari berriekin lan egiteko prest agertu da
Frantziako Senaturako hauteskundeak iragan ziren joan den igandean, Ipar Euskal Herrian. Espagnac, Brisson eta Saint-Pek dute eserlekua okupatuko hurrengo sei urteetan.
EH Bai senatari berriekin lan egiteko prest agertu da. Frantziako Senaturako hauteskundeak iragan ziren joan den igandean, Ipar Euskal Herrian. Espagnac, Brisson eta Saint-Pek dute eserlekua okupatuko hurrengo sei urteetan.
Ekainean Espagnacekin harremanetan izan baziren ere, EH Baik ez du hautagairik aurkeztu Senaturako hauteskundeetara, eta, beraz, ez dute senataririk izanen. Igandean ateratako hauteskundeen emaitzei begira, ezkerreko abertzaleek erran dute Pirinio Atlantikoetako «hautesle handien» esku zela senatariak hautatzea, eta, azken horien erdiak Biarnokoak izanik, EH Bairi zaila zaiola Iparraldeko «erronka eta ideia abertzaleak» defendatzea eta eztabaiden erdigunean kokatzea. Hala ere, bilakaera instituzionala, etxebizitza, euskara, AHTaren aurkako borroka, feminismoa eta trantsizio ekologikoaren gisako erronkei eutsiko dietela segurtatu dute, eta horiei buruz lan egiteko parlamentariengana jotzen segitu dute. Horrez gain, eskuin muturraren gorakadaren egoera kezkagarria dela gehitu du EH Baik; izan ere, alderdiaren aldeko bozkak laukoiztu dira Pirinio Atlantikoetako departamenduko hautesbarrutian, azken hauteskundeei konparatuz. Eskuin muturraren «bazterkeria eta diskriminazio» proiektuen aurka borrokatzen segitzea ezinbestekoa dela azpimarratu dute: «Agintean direnen lerratze neoliberal eta autoritarioak ongarritzen dute faxisten lurra». Azkenik, Robert Xowie FLNKSko independentista kaledoniarraren garaipena zoriondu nahi izan dute, Kanakyko antiindependentisten buruzagien aurka irabazi baitu.
2023-9-27
https://www.berria.eus/albisteak/233280/jan-margarit-eta-blandine-lhirondel-garaile-skyrhunen.htm
albisteak
Jan Margarit eta Blandine l'Hirondel garaile Skyrhunen
Euskal Herriko Kopako zortzigarren eta azken proba izan zen Azkainekoa (Lapurdi). Zortzi lasterketetako emaitzak kontuan izanda, Beñat Katarain zegamarra (Gipuzkoa) eta Oihana Zubillaga anoetarra (Gipuzkoa) gailendu dira.
Jan Margarit eta Blandine l'Hirondel garaile Skyrhunen. Euskal Herriko Kopako zortzigarren eta azken proba izan zen Azkainekoa (Lapurdi). Zortzi lasterketetako emaitzak kontuan izanda, Beñat Katarain zegamarra (Gipuzkoa) eta Oihana Zubillaga anoetarra (Gipuzkoa) gailendu dira.
Eguraldi bikainarekin jokatu zen larunbatean Azkaineko (Lapurdi) Skyrhune proba (21 km, 1.700 m+), Euskal Herriko Kopako zortzigarrena eta azkena, eta, aldi berean, Golden Trail National Series zirkuituko lasterketa. Herri eta eskualde osoa engaiatzen da probarekin, eta, eguraldia ez ezik, giroa ere paregabea izan zen, herrian nahiz mendiko hainbat puntutan. Irteeran bostehun partaidetik gora elkartu ziren, maila handiko korrikalariak tartean, eta lehia ikusgarria izan zen. Lehen bi kilometroak 4 minututik beherako erritmoan korritu ziren, eta Miramarreko igoera ere oso azkarra izan zen zaleen bultzadarekin. Jaitsieran, nahiz eta teknikoki erraza ez izan, korrikalariek abiadurari eutsi zioten, Ziburu mendiko igoeraren hasieraraino. Igoera horretan, hezetasuna, aurreko kilometroetako esfortzua eta beroa zirela medio, nekea nabaritzen hasi ziren hainbat korrikalari. Nolanahi ere, koskarik gogorrena falta zen artean, Larhungo igoera, eta zinez benetako horma bihurtu zen hainbat lasterkarirentzat. Jaitsiera teknikoak ez zien arnasa hartzeko aukera handirik eman partaideei, baina tarte hori gaindituta, berriz ere erritmoa berreskuratzeko aukera izan zuten, eta azken igoeraren ondoren, beheranzkoan, asfaltoarekin bat egin eta ziztu bizian egin zituzten azken kilometroak. Emakumezkoetan, Blandine l'Hirondel frantziarra nagusitu zen (2h10'39''), proba honen bederatzi aldietan bigarren aldiz. Haren atzetik, baina ia ordu laurden luzera, Emilie Menuet izan zen bigarren (2h24'00'') eta Olivia Magnone hirugarren (2h26'24''). Maud Combarieu izan zen laugarren, eta jaitsieran, gainera, bera izan zen azkarrena. Euskal Herriko Kopako nesken podiuma: Oihane Unzalu bigarrena, Oihana Zubillaga garailea eta Maud Combarieu hirugarrena. EMF Mutiletan estuagoa izan zen lehia. Jan Margarit kataluniarra gailendu zen azkenean (1h53'26''), hau ere bigarren aldiz Skyrhunen. Bigarren Simon Guinard frantziarra izan zen (1h55'41'') eta hirugarren Benjamin Roubiol (1h55'41''), hau ere frantsesa. Euskal ordezkarien artean, Aritz Egea laugarren izan zen (1h58’27”) eta Ander Iñarra seigarren (2h01’17”). Bederatzigarren aldi honetan, 99 lagun jaitsi ziren 2 ordu eta erdiko langatik. Harrigarria. Euskal Herriko Kopa Gazteenen artean, TtkiSkyrhune lasterketa jokatu zen, 10 kilometro eta 600 metroko goranzko desnibelarekin. Jules Mongellaz nagusitu zen mutiletan eta Fannie Sapet nesketan. Jone Oar-Arteta, hirugarren izan zen, eta Alluitz de Bilbao, laugarren. Mutiletan Ibai Angulo seigarren izan zen. Mendi Lasterketen 2023 Lineako Euskal Herriko Kopako zortzigarren eta azken lasterketa zen Azkaineko Skyrhune. Martxoan Kolazino lasterketarekin hasi zen zirkuitua, eta ondoren etorri ziren Kilimon Trail, Berako XVII Mendi Maratoi Erdia, Kanpezukoa, Irati Trail, X. Amurrio Trail Lasterketa eta Baztandarrak Traila. Zortzi proben ondoren, emaitza guztiak kontuan hartuta, Beñat Katarain zegamarra (Gipuzkoa) eta Oihana Zubillaga anoetarra (Gipuzkoa) izan dira nagusi Euskal Herriko Kopan. Mutiletan,Victor Bernedo izan da bigarren eta Ibai Makazaga hirugarren. Nesketan, berriz, Oihane Unzalu izan da bigarren eta Maud Combarieu hirugarren. Euskal Herriko Kopako mutilen podiuma: Victor Bernedo bigarrena, Beñat Katarain garailea eta Ibai Makazaga hirugarrena. EMF Gazteen artean, Julen Dobarro gailendu da kadete mailan, Eneko Etxaniz gazteen maila parekatuan eta Ibai Angulo juniorretan. Beteranoetan, Ibai Makazaga eta Maud Combarieu nagusitu dira A mailan, eta Isidoro Hernández eta Ignacio Garay B eta C mailetan, hurrenez hurren. Azkaineko Skyrhune probaren sailkapen guztiak lasterketaren webgunean.
2023-9-27
https://www.berria.eus/albisteak/233281/sei-gizon-atxilotu-dituzte-baionako-bestetako-hilketarekin-zerikusia-dutelakoan.htm
Gizartea
Sei gizon atxilotu dituzte Baionako bestetako hilketarekin zerikusia dutelakoan
21 eta 27 urte artekoak dira atxilotutakoak; hiru Bretainian atxilotu dituzte, eta beste hiru Essonnen, Paris ondoan.
Sei gizon atxilotu dituzte Baionako bestetako hilketarekin zerikusia dutelakoan. 21 eta 27 urte artekoak dira atxilotutakoak; hiru Bretainian atxilotu dituzte, eta beste hiru Essonnen, Paris ondoan.
Baionako bestetan 46 urteko gizonezko bat hil zen zafraldi bat bildu ondoan; etxera sartzen ari zela, ate aitzinera iristean, hiru gizonek sartzea trabatu zioten; galdetu zienean handik mugitzeko, jo egin zuten, behin eta berriz, bortizki. Handik zenbait egunetara hil zen gizona, Baionako ospitalean. Frantziako Poliziak gizon baten robot irudia zabaldu zuen berehala, eta adierazi zuten beste bi gizonen bila ere bazebiltzala. Bi hilabete pasatu dira dagoeneko, eta goiz honetan sei lagun atxilotu dituzte: hiru Essonnen (Frantzia), Paris ondoan, eta beste hiru Bretainian. Adierazi dute ustezko hiltzaileak ihes egiten lagundu dituztelakoan atxilotu dituztela gainerako hirurak. Sei gizonak 21 eta 27 urte artekoak dira, Presse Ocean hedabidean arabera. Baionako prokuradoreak baieztatu du atxiloaldian daudela, atxilotu dituzten lekuetan. Baionako instrukzio epaileak hilketagatik zabaldu duen ikerketaren pean daude.
2023-9-28
https://www.berria.eus/albisteak/233282/itzurungo-hondartzaren-irudi-batek-irabazi-du-udako-argazkien-lehiaketako-irakurleen-saria.htm
Bizigiro
Itzurungo hondartzaren irudi batek irabazi du udako argazkien lehiaketako irakurleen saria
Luis Fco. Llavori Romatet zumaiarraren argazkiak 117 boto jaso ditu. Biba Ardoak-eko mahastizainen ardo ekologikoekin osatutako sorta bat irabazi du.
Itzurungo hondartzaren irudi batek irabazi du udako argazkien lehiaketako irakurleen saria. Luis Fco. Llavori Romatet zumaiarraren argazkiak 117 boto jaso ditu. Biba Ardoak-eko mahastizainen ardo ekologikoekin osatutako sorta bat irabazi du.
Urtero-urtero, ehunka irakurlek igortzen dituzte beren argazkiak BERRIAk antolaturiko udako argazkien lehiaketara, eta hala izan da aurten ere. Duela bi aste, lehenbiziko bi sarien irabazleak nor ziren zabaldu zen: Iker Zubizarreta eta Alvaro Company Lopez de Munain, hurrenez hurren. Hirugarren sariaren irabazlea, baina, irakurleek hautatu dute, irailaren 13tik aurrera, astebetez. Jasotako 407 irudietatik BERRIAk aukeraturiko hogeiren artean bozkatu behar izan dute irakurleek. Hala, Luis Fco. Llavori Romatet zumaiarraren argazkiak jaso du boto gehien. Itzurungo hondartzaren irudi bat da, eta 117 boto jaso ditu. Llavorik Biba Ardoak-eko mahastizainen ardo ekologikoekin osatutako sorta bat irabazi du. Guztira 951 lagunek bozkatu dute, eta oso lehia estua izan da, bigarren postuan gelditu den argazkiak hamar boto gutxiago baizik ez baititu eskuratu. Leitzaran ibarreko irudi bat da. Mendi kroniken lehiaketa Argazkien lehiaketa amaitu bada ere, mendi kronikenean parte hartzeko epea azaroaren 9a bitarte dago zabalik. 8.000-10.000 karaktere bitarteko testuak igorri daitezke, eta, horrekin batera, argazkiak ere aurkeztu beharko dira: gutxienez zortzi eta gehienez hamar. Argazkiez gain, bertze edozein elementu grafiko ere bidali daiteke, mapak edo ibilbideak, adibidez. Kontakizunaren originaltasuna baloratuko da, baita hizkuntzaren egokitasuna eta aberastasuna ere. Idazlana ezin da bertze inon argitaratutakoa izan. Hiru sari egonen dira: zortzi eguneko mendi ibilaldia Atlas Garaian (Maroko), lau lagunentzako asteburupasa Ikai Vansen karabanan, eta 200 euroko bonu bat Hamaika Mountain dendarako. Irabazleen lanak Gabonetan argitaratuko dira.
2023-9-27
https://www.berria.eus/albisteak/233283/gutxienez-ehun-hildako-iraken-sute-batean.htm
Mundua
Gutxienez ehun hildako Iraken, sute batean
Ezkontza bat ospatzen ari ziren areto batean izan da; lehen ikerketen arabera, su festa baten ondorioz. Berrehun lagun baino gehiago zauritu dira.
Gutxienez ehun hildako Iraken, sute batean. Ezkontza bat ospatzen ari ziren areto batean izan da; lehen ikerketen arabera, su festa baten ondorioz. Berrehun lagun baino gehiago zauritu dira.
Ezkontza batean zeudela, sute bat gertatu da gaur goizaldean Irakeko Mosul hiritik gertu, eta, horren ondorioz, gutxienez ehun lagun hil dira, eta berrehun baino gehiago zauritu. Irakeko Barne Ministerioak adierazi duenez, egoera «kontrolpean» dago. Defentsa Zibilak egindako lehen ikerketen arabera, ezkontza egiten ari ziren aretoaren barruan su festa bat egin izanaren ondorioz piztu da sutea. Iturri horrek berak jakinarazi duenez, aretoak plastikozko panel batzuk zituen sabaian, «oso sukoiak». Defentsa Zibilak nabarmendu du debekatuta dagoela horiek erabiltzea gisa horretako eraikinetan, eta ohartarazi du ez zuela ez alarmarik, ezta suteak itzaltzeko sistemarik ere. Ninive eskualdean, herrialdearen iparraldean, gertatu da Mohammad Xia al-Sudani Irakeko lehen ministroak «istripu» gisa definitutako sute hori. Iturri ofizialek adierazi dute oso azkar hedatu dela, «zeremoniarako aretoaren» zenbait zati «kolapsatu» dituela, eta «kostu txikiko materialak» minutu batzuen buruan eraitsi direla. Gainera, plastikozko materialak erretzearen ondorioz, gas toxikoak hedatu dira aretoan, eta horregatik ere artatu dute jendea. Ez dago argi zenbat jende zegoen aretoan sutea piztu zenean, baina era horretako zeremonietan herritar askok parte hartu ohi dute Iraken. Ekialde Hurbileko herrialde horretan, nahiko ohikoa da instalazioetan suteak gertatzea; batez ere udan, tenperaturak asko igotzen direnean —iragarrita dago datozen egunetan 39 gradukoa izatea tenperaturarik altuena Mosulen—. Gainera, aintzat hartu behar da instalazioak, oro har, kaskartuta daudela, herrialdean azken hamarkadetan nozitu izan dituzten gerrak eta indarkeria medio.
2023-9-27
https://www.berria.eus/albisteak/233284/salatu-dute-enpresa-batek-legez-kanpo-etxegabetu-nahi-duela-familia-bat-gasteizen.htm
Gizartea
Salatu dute enpresa batek «legez kanpo» etxegabetu nahi duela familia bat Gasteizen
Etxebizitza Sindikatuak jakinarazi du Desokupacion Legal enpresak familia bat «iraindu» eta «mehatxatu» duela. Gisa horretako enpresen «izaera faxista» gaitzetsi du sindikatuak.
Salatu dute enpresa batek «legez kanpo» etxegabetu nahi duela familia bat Gasteizen. Etxebizitza Sindikatuak jakinarazi du Desokupacion Legal enpresak familia bat «iraindu» eta «mehatxatu» duela. Gisa horretako enpresen «izaera faxista» gaitzetsi du sindikatuak.
Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuak jakinarazi duenez, Desokupacion Legal izeneko enpresa batek «legez kanpo» etxegabetu nahi du Gasteizko Zaramaga auzoko etxebizitza batean bizi den familia bat. Salatu du enpresa hori familiari «jazarri» egin zaiola, eta «irainak» eta «mehatxuak» erabili dituela etxetik alde egin dezan. Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak bilera batera deitu du etziko Zaramaga auzoan, gertatutakoa aztertzeko. 2021etik bizi da familia hori Zaramaga auzoko etxebizitza batean, alokairuan, «abusuzko klausulak» dituen kontratu batekin, Etxebizitza Sindikatuak kontatu duenez. 2023ko urtarrilean, jabeak etxebizitza erreklamatu egin zien maizterrei, baina hori egiaztatzeko dokumentaziorik ez zien erakutsi, haiek eskatu arren. Maiatzean, jabea etxebizitzara joaten hasi zen, eta familiari «mehatxu eta erasoak» egiten hasi zitzaizkiola azaldu dute; besteak beste, jabeak trastelekuaren sarraila birritan aldatu zien, eta, sindikatuko kideek salatu dutenez, egun batean txerri baten burua eta hankak agertu ziren etxeko atearen aurrean. Uztailean, berriz, Desokupazion Legal izeneko enpresa bat harremanetan jarri zen familiarekin, etxetik alde egin zezan «konbentzitzeko» asmoz, eta horretarako «laguntza ekonomiko txiki bat» eskaini zion. Gerora, enpresa horrek itsaskiak jarri ditu etxebizitzaren atean, familiari «irain eta mehatxuak» dituzten audioak bidali dizkio, eta astelehenean bertan bi gizon agertu ziren atarian «mehatxuka», Etxebizitza Sindikatuaren arabera. Sindikatuko kideek salatu dute familia hori «indarrez» etxegabetzeko arriskua dagoela. «Argi utzi nahi dugu etxegabetze saiakera legez kanpokoa dela, familia etxebizitzan bizi baita kontratuarekin eta alokairua ordainduta», adierazi dute. «Desokupazioak» egiten dituzten enpresen «izaera faxista» arbuiatu du Etxebizitza Sindikatuak: «Jabe handiek eta, batez ere, jabe txikiek horrelako enpresak kontratatzen dituzte, legez kanpo eta parapolizialki jarduteko». Uste dute «inpunitate osoz» jarduten dutela, instantzia judizialek, indar polizialek eta administrazioek horretarako bidea emanda, eta helburu bakarra dutela: «Errentagarriak ez diren etxebizitza modalitateetatik kanporatu nahi dute proletariotza».
2023-9-27
https://www.berria.eus/albisteak/233285/hipoteka-gutxiago-eta-txikiagoak.htm
Ekonomia
Hipoteka gutxiago eta txikiagoak
Urteko lehen zazpi hilabeteetan %15,1 murriztu dira etxebizitzak erosteko maileguak Hego Euskal Herrian.
Hipoteka gutxiago eta txikiagoak. Urteko lehen zazpi hilabeteetan %15,1 murriztu dira etxebizitzak erosteko maileguak Hego Euskal Herrian.
Inflazio handiak eta interes tasen igoera bortitzak astindua eman diote etxebizitzen salerosketari. INE Espainiako estatistika institutuaren arabera, urteko lehen erdian iaz baino %7,9 bizitegi gutxiago salerosi dira Hego Euskal Herrian. Erakunde horrek berak esan du etxebizitzak erosteko maileguak are gehiago apaldu direla. Aurtengo uztailean 1.739 izan dira Hegoaldeko lau lurraldeetan, iaz hilabete horretan baino 260 gutxiago (-%13). Antzekoa da erorikoa urteko lehen zazpi hilabeteetan: 14,373 hipoteka sinatu dituzte bankuek eta haien bezeroek, iaz baino %15,1 gutxiago. Etxebizitzen prezioa oraindik gora egiten ari den arren —%1 inguru—, murriztu egin da herritarrek finantza erakundeei eskatutakoa. Uztailean, batez beste 150.938 euroren hipotekak sinatu ziren; 2022ko uztailean, berriz, 156.890 eurorenak izan ziren.
2023-9-27
https://www.berria.eus/albisteak/233286/eh-bilduk-eta-eajk-nazio-auziari-heldu-diote-feijooren-inbestidura-zapuztuan.htm
Politika
EH Bilduk eta EAJk nazio auziari heldu diote Feijooren inbestidura zapuztuan
PPko presidentegaiak aldeko 172 boto jaso ditu, eta aurkako 178. Ostiralean bozkatuko dute berriz. EH Bilduk «agenda plurinazionalari» eman dio lehentasuna, eta EAJk esan du «Euskadi estatuan egokitzeko modua» bilatu behar dela.
EH Bilduk eta EAJk nazio auziari heldu diote Feijooren inbestidura zapuztuan. PPko presidentegaiak aldeko 172 boto jaso ditu, eta aurkako 178. Ostiralean bozkatuko dute berriz. EH Bilduk «agenda plurinazionalari» eman dio lehentasuna, eta EAJk esan du «Euskadi estatuan egokitzeko modua» bilatu behar dela.
Amaitu da, gaurkoz, Alberto Nuñez Feijoo PPko presidentegaiaren inbestidura saioa Espainiako Diputatuen Kongresuan. Egin dute lehen bozketa, eta PPko presidentegaiak aldeko 172 boto eta aurkako 178 jaso ditu. Ostiralean egingo dute bigarren bozketa, eta orduan nahikoa izango du gehiengo soilarekin. Alderdien hitzaldietatik ondoriozta daitekeenez, ordea, ez dirudi lortuko duenik. Feijook berak, eta PSOEko, Sumarreko eta Kataluniako alderdietako ordezkariek hartu zuten hitza atzo, eta euskal alderdien txanda izan da gaur goizean. EH Bilduk eta EAJk berretsi dute ez dutela Feijoo Espainiako Gobernuko presidente bihurtzearen alde bozkatuko. Nazio auziari heldu diote bi indar politikoek. EH Bilduk «agenda plurinazionalari» eman dio lehentasuna, eta EAJk esan du «Euskadi eta Katalunia [Espainiako] Estatuan egokitzeko modua» bilatu behar dela. Euskaraz eta gazteleraz hartu dute hitza EH Bilduko bozeramaile Mertxe Aizpuruak eta EAJko eledun Aitor Estebanek. Kongresuko tribunara igotzen lehena Aizpurua izan da, eta «ezezko borobila» eman dio Feijoori: «Koherenteak gara geure printzipioekin: gure esku badago, ez da egongo gobernu erreakzionariorik, ez Euskal Herrian, ez beste inon». Azpimarratu du PPk eta Vox alderdi ultraeskuindarrak «proiektu erreakzionario eta autoritario bera» dutela: «Gure nazioaren existentzia ukatzen du. Ez ditu errespetatzen gure hizkuntza (euskara), gure kultura, gure sentimenduak eta gure balioak. Zuen proiektuak matxismoa ukatzen du, eta feminismoari eraso egiten dio. Pluraltasuna eta aniztasuna ukatzen ditu. Lan eskubideak, pobrezia eta prekaritatea ukatzen ditu. Azken finean, gure nazioetako gehiengoak eskuratu nahi duen etorkizun politiko eta soziala ukatzen duzue». Nabarmendu du Euskal Herria eta Katalunia izango direla «bloke atzerakoia» Moncloako jauregira iristea eragotziko dutenak, eta Espainiako Estatuan ez dela posible «gobernu progresistarik» Euskal Herriko eta Kataluniako ezker subiranistaren konkurrentziarik gabe. Alde horretatik, Espainiako Gobernuko jarduneko presidente Pedro Sanchezi mintzatu zaio: «Espero dugu inbestidura aurrera ateratzeko asmoa duenak aldi historiko honen garrantzia ulertzea. Agenda plurinazionala eta soziala aintzat hartu ezean, ez da posible izango ultraeskuinaren agenda erreakzionarioa gelditzea; soilik atzeratzea lortuko litzateke. Egiturazko aldaketa demokratikoak eta egungo eredua eraldatuko duten politika sozial aurrerakoiak beharko ditugu». Aizpuruak uste du «ziklo politiko berri bat» has daitekeela, eta «estaturik gabeko nazioen lurralde gatazkari» erantzun beharko liokeela. «Bide demokratiko berriak zabaldu nahi ditugu, hitza errespetatzean eta gure herriaren erabakian oinarrituta», azaldu du Aizpuruak. Akordiorik ez Aizpurua tribunatik jaitsi denean, Esteban igo da. PPko diputatuen eserlekuen aurretik igarotzean, «berdinak zarete», esan dio diputatu batek. «Ez gara berdinak, ez. Zorionez», esan dio EAJren eledunak. Hain zuzen, EH Bilduri mintzatu zaio hasieran: «Bildu kanpainan zehar etengabe zabaltzen aritu zen EAJk akordioa eginda zeukala PPrekin eta Voxekin. Bildurentzat, zilegi da gezurra tresna politiko gisa erabiltzea; EAJrentzat, ez. Ez da akordiorik egon». Feijoori esan dio ez dutela haren inbestidura babestuko, Vox ekuazioaren parte delako, besteak beste. «Ez dira demokratak», esan du Voxi buruz, eta hau aitortu: «Euskal gizarteak ez luke ulertuko PPren eta Voxen alternatiba erraztuko bagenu, geure hitza jango genukeelako eta legealdia kudeatzeko ezinezkoa izango litzatekeelako. Hori nahikoa da gure botoa erabakitzeko; EAJk hitza betetzen du». Estebanen ustez, ez litzateke «ona» izango ultraeskuina normalizatzea: «Espainiako Gobernua Voxen menpe egotea seinale negargarria izango litzateke Europarentzat». Gaineratu du PPren diskurtsoa «kezkagarria» dela, «bide judiziala eta gizarte konfrontazioa» baliatzen dituelako Euskal Herriko eta Kataluniako «errealitate nazionalei» erantzuteko. «Euskal nazio bat dago, existitzen segitu nahi duena. Gure hizkuntzak eta eskubide historikoek frogatzen dute hori», jakinarazi dio Feijoori. «Euskadi eta Katalunia [Espainiako] Estatuan egokitzeko modua» bilatu behar dela esan du Estebanek: «Adostu beharko da, gobernu zentralak eta Euskadik eta Kataluniak datozen hamarkadei eroso aurre egin ahal izateko. Egonkortasun ortzi muga bat marraztu behar da». Estebanek, bukatzeko, esan du EAJren iparra «Euskal Herriaren iraupena eta askatasuna» direla. Errespetua Feijook aldi berean erantzun die EH Bilduri eta EAJri, baina nabarmendu du ez direla gauza bera: «Nik EAJ errespetatzen dut; EH Bildu, ez. EAJ alderdi instituzional bat izan da hamarkada luzez, eta kudeaketa gaietan bat etorri gara. Bildu da Espainian babes hesia jarri beharko litzaiokeen alderdi bakarra. PSOEren estrategia da Bildu zuritzea, eta aitortu behar da lortzen ari dela». Esan du «kezka» eragingo liokeela EH Bilduk haren alde bozkatzeak: «EH Bilduren botoak Sanchezi utziko dizkiot. Nik ez ditut nahi». Koalizio «erreakzionario» bat dela esan du, eta ezin dela «adiskidetzerik» egon «alde batek barka diezaiotela nahi badu barkamenik eskatu gabe». Estebani «kontuz ibiltzeko» esan dio: «EH Bildu lasterketa irabazten hasi zaizue». Ostiralean egingo dute azken bozketa, gehiengo soilez, eta, egoera politikoa deskribatzeko, Estebanek gogora ekarri du Maratongo gudua. Feijook erreferentziari heldu dio: «Ez nuen aurreikusia politika nazionalaren maratoian parte hartzea, baina egin dudan lehen lasterketan lehena izan naiz». Dena den, aurreikuspen guztien arabera, ez du aldeko boto nahikorik izango gehiengo soilez ere, eta ez du lortuko Espainiako Gobernuko presidente bihurtzea.
2023-9-27
https://www.berria.eus/albisteak/233287/baionan-eskuorri-faxista-bat-banatu-dutela-salatu-dute.htm
Politika
Baionan eskuorri faxista bat banatu dutela salatu dute
Musulmanen eta arabiarren kontrako mehatxu bortitzak irakur daitezke paper horretan; are gehiago, Baionako okindegi baten kontra egin dute langile batek beloa duelako. Besteak beste, Etorkinekin federazioak, EH Baik eta LAB sindikatuak salatu dute gertatutakoa.
Baionan eskuorri faxista bat banatu dutela salatu dute. Musulmanen eta arabiarren kontrako mehatxu bortitzak irakur daitezke paper horretan; are gehiago, Baionako okindegi baten kontra egin dute langile batek beloa duelako. Besteak beste, Etorkinekin federazioak, EH Baik eta LAB sindikatuak salatu dute gertatutakoa.
«Joan beharko duzue, borondatez edo bortxaz». Hara zer irakur daitekeen Baionan banatu duten eskuorri batean. Eta mehatxu hori «musulmanei eta beste gisako islamistei» egin diete: «Abisatzen zaituztegu gure karriketan ez dugula belodun edo abaiadun emazterik onartuko, ez eta babutxadun edo txilabadun gizonik ere». Are gehiago, Baionako okindegi bat jomugan daukate, langile batek beloa daramalako. «Musulmanei gerra» eginen dietela ere erran dute. Testua bi orrialdekoa da, eta, «Frantziako eta Euskal Herriko katolikoen gainbehera» musulmanei egozten diete. Gehitu dute «musulmanek Frantziatik joan behar» dutela, «1944an alemaniarrak joan ziren bezala». Honela izenpetzen dute: Frantziako eta Euskal Herriko Erresistentzia Katolikoa. Idazkia salatzeko, agiri bateratua egin dute orain hainbat elkartek, sindikatuk eta alderdik, hala nola Etorkinekin federazioak, EH Baik, Frantzia Intsumisoak, LABek eta CGTk. Antifaxisten sareak ere salatu du idazkia. «Arrazista eta bortitza da. Arrazakeriazko herrara akuilatzen du», salatu dute. Aldi berean, Frantziako Gobernuari egotzi diote horrelako diskurtsoak normalizatzeko habia egitea. «Atzerritarren, musulmanen eta arabiarren aurkako gorrotoa are libreago izateko arriskua dago, [Frantziako] gobernuaren hitzek eta ekintzek bultzatzen baitute. Darmanin ministroak Immigrazio Legearen proiektuaren aurkezpenean erabili zituen hitzak jasotzen ditu katoliko integristen panfletoak: paperik gabekoei 'bizitza ezinezko bihurtzea'. Eskola sartzean abaia eta kuamiak debekatu izanak eta gisa horretako neurriek islamofobia elikatzen dute». Ez da lehen aldia mezu faxistak zabaltzen dituztena Ipar Euskal Herrian. 2020an, tindaketa faxistak agertu ziren Kanbon eta Ezpeletan (Lapurdi). Gurutze zelten marrazkien ondoan, «Frantzia frantziarrentzat» eta «Frantzia lehenik, zuria beti» esaldiak tindatu zituzten. Manifestazio bat egin zuten hori salatzeko.
2023-9-27
https://www.berria.eus/albisteak/233288/estellerriko-osasun-publikoa-desegiten-ari-direla-salatu-du-labek.htm
Gizartea
Estellerriko osasun publikoa «desegiten» ari direla salatu du LABek
Sindikatuaren ustez, Garcia Orkoien ospitaleko Ginekologia eta Obstetrizia zerbitzua itxi izanak agerian utzi du arduradunen «utzikeria»
Estellerriko osasun publikoa «desegiten» ari direla salatu du LABek. Sindikatuaren ustez, Garcia Orkoien ospitaleko Ginekologia eta Obstetrizia zerbitzua itxi izanak agerian utzi du arduradunen «utzikeria»
Lizarra inguruko osasun publikoa desegiten ari dira, LABen irudiko. Garcia Orkoien ospitaleko Ginekologia eta Obstetrizia zerbitzua itxi dute, eta, sindikatuak ohar batean salatu duenez, horrek agerian utzi du Lizarrako Osasun Barrutiaren kudeaketa «oso txarra» dela. «Estatistika hotzen aitzinetik herritarren arreta lehenestea» galdegin du sindikatuak, eta azaldu du osasun arreta publikoa desegiten ari dela, bi motiborengatik: «Lehenik eta behin, Osasunbideko gerentziak interesik ez duelako, eta, bigarrenik, zenbait medikuk zentro pribatuetan egiten duten jarduera bikoitzaren ondorioz langile nahikorik ez dagoelako». Hain zuzen, duela lau hilabete, Garcia Orkoien ospitaleko gerentea kargutik kentzeko eskatu zuen LABek, «pribatizazio interesak sustatzen ari zelako eta Lizarrako Osasun Barrutiak behar bezala ez funtzionatzea zekarren lan giro deserosoa sortzen zuelako». Ordutik, kudeatzaile horrek bere postua utzi du, baina barrutiaren «kudeaketa penagarriak» bere horretan segitzen duela salatu du sindikatuak: «Arreta falta inoizko nabarmenena da, prozesu asko Iruñera eta Tuterara bideratzen ari baitira». Ginekologiaz eta Obstetriziaz gain beste espezialitate askotako prozesuak beste ospitale batzuetara bideratzen ari direla salatu dute oharrean: «Agian, profesionalak Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan batzen dituztelako gertatzen da arreta falta hori, baina bertze zerbitzu batzuekin ere ari da gertatzen, hala nola Pediatriarekin, Erradiologiarekin eta Dermatologiarekin». Arazo horren atzean jardun publikoaren esklusibotasunaren auzia dagoela uste du LABek: «Osasunbideko profesional nahikotxok beren jarduera publikoa jarduera pribatuarekin uztartzeak dakarren arazo larria salatu genuen duela ez asko. Osasunbideak horietako batzuen egoera administratiboa ezkutatzeak arazoa larriagotzen zuen, gainera. Ustelkeriaren Aurkako Bulegoak azken hori zuzentzeko eskatu zuen, baina oraindik ez dute zuzendu». Osasun Departamentuak eta ospitaleko gerentziak «interes pribatuak errazteak» itxaron zerrendetan eragina duela ere adierazi du elkarte sindikalak, eta hori «arduragabekiarekin» lotu dute. Teknologian eginiko inbertsioak onetsi dituzte, baina urrats horiek «bat etorri behar dute etorkizuneko arreta publiko batekin». Hori dela eta, «enpresa pribatuetan dirua inbertitzeari uztea eta profesional publiko batzuen jardun pribatua errazteari uztea» galdegin diote Fernando Dominguez kontseilariari.
2023-9-27
https://www.berria.eus/albisteak/233289/zortzi-greba-egunera-deitu-dute-arabako-zahar-etxe-pribatuetan.htm
Gizartea
Zortzi greba egunera deitu dute Arabako zahar etxe pribatuetan
ELA eta LAB sindikatuek deitu dute lanuzteetara: urrian, azaroan eta abenduan izango dira. Araban «hitzarmen duin» bat ezartzea dute helburu, langileen lan baldintzak eta soldatak hobetu daitezen.
Zortzi greba egunera deitu dute Arabako zahar etxe pribatuetan. ELA eta LAB sindikatuek deitu dute lanuzteetara: urrian, azaroan eta abenduan izango dira. Araban «hitzarmen duin» bat ezartzea dute helburu, langileen lan baldintzak eta soldatak hobetu daitezen.
Arabako zahar etxe pribatuetako langileek lau urte daramatzate borrokan, lan baldintza «duinak» bermatuko dizkien hitzarmen bat lortu nahian. Patronalak uko egin dio baldintza horiek eskaintzeari, «aitzakiatzat» jarrita ez daukala dirurik horretarako, eta, martxoaren 15ean, blokeatu egin zuen hitzarmena negoziatzeko mahaia. Horregatik, ELA eta LAB sindikatuek zortzi greba egunera deitu dute. Lanuzteak egingo dituzte urriaren 3an eta 4an, azaroaren 8an, 9an eta 10ean, eta abenduaren 12an, 13an eta 14an. Lan baldintza «duinak» dituen hitzarmen bat onartzeko eskatu nahi diete sindikatuek patronalari, ACRA laguntza baliabideen Kataluniako elkarteari, Gesca Bizkaiko laguntza zentroen kudeatzaileei eta Lares adinekoen egoitza eta arreta zerbitzuen Nafarroako elkarteari. «Gero eta nazkatuago gaude lan baldintza hain prekarioak jasateaz, denetariko lanak egiteaz, lankideen gaixoaldiak ez ordezkatzeaz eta enpresek oraindik ere zaintza negozio bihurtzeaz», azaldu du Jessica Picatoste LABeko ordezkariak gaurko agerraldian. Bestalde, Gorka Urtaran Gizarte Politiketako diputatuari leporatu diote enpresen onura langileen osasunaren aurretik jarri duela, eta ez duela bitartekaritza lanik egin zahar etxeetako langileen baldintzak hobetzeko prozesuan. Horren ordez «zaintzaren negozioa» sustatzeko asmoz jardun duela aurpegiratu diote. Greba feministarekin bat ELA eta LABeko ordezkariek aipatu dute azaroaren 30ean greba feminista orokorrarekin bat egingo dutela, zahar etxe pribatuen eta etxebizitza komunitarioen borroka greba horren barruan dagoelako. Izan ere, zaintzarena sektore «feminizatua» dela azaldu dute , eta sektorean lan egiten duten emakumezko langileak «funtsezkoak» direla. Horregatik, azarorako antolaturiko hiru greba egunetan ez ezik, azaroaren 30ean ere kalera aterako dira langileak, «gatazkaren funtsezko zati» direlako. Hori baino lehenago, ordea, protesta egingo dute Gasteizko kaleetan, urriaren 3an eta 4an, hain zuzen ere. Urriaren 3an manifestazio bat egingo dute 11:00etan, Plaza Berritik Probintzia plazaraino. Bidean Foru Erakundean gelditu, eta idazki bat entregatuko dute, diputazioa bitartekari izan dadila eskatzeko. Urriaren 4an ere 11:00etan aterako dira kalera, Babesgabetuen plazatik Probintzia plazaraino.
2023-9-27
https://www.berria.eus/albisteak/233290/macron-marra-gorriak-planteatzekoa-da-korsikako-asanblean.htm
Mundua
Macron marra gorriak planteatzekoa da Korsikako Asanblean
Frantziako presidentea ostiralera arte izango da Korsikan. Hitzaldi bat emango du uharteko asanblean, eta espero da mugimendu nazionalistak eskatutako autonomia legegilearen inguruan mintzatzea.
Macron marra gorriak planteatzekoa da Korsikako Asanblean. Frantziako presidentea ostiralera arte izango da Korsikan. Hitzaldi bat emango du uharteko asanblean, eta espero da mugimendu nazionalistak eskatutako autonomia legegilearen inguruan mintzatzea.
Frantziako presidente denetik laugarrenez bidaiatu du Korsikara Emmanuel Macronek. Ostiralera arte izango da han, eta, berez, hauxe da bisitaren arrazoi ofiziala: 80 urte bete dira Bigarren Mundu Gerran Korsika nazien kontroletik aske gelditu zenetik. Edonola ere, urteurrena aitzakia izango da Macronek Korsikako mugimendu nazionalistak eskatutako autonomia legegilearen inguruan hitz egin dezan. Uharteko gobernuburu Gilles Simeonirekin biltzekoa da bihar, eta gero agerraldia egingo du Korsikako Asanblean, 10:00etan. Korsikako hainbat hedabidek adierazi dutenez, Eliseoko zenbait iturrik herenegun esan zuten Macron prest legokeela hainbat erreforma instituzional egiteko. Baina baldintza bat jarri du: uharteko nazionalistekin adosten duten akordioa «Frantziako egungo marko legalaren barruan egotea». Gainera, aintzat hartu behar da nazionalisten zenbait eskaerak gainditu egiten dituztela Parisentzat «marra gorriak» liratekeen zenbait muga; hala nola korsikeraren koofizialtasuna indarrean jartzea eta Korsikako biztanleei egoiliar estatusa aitortzea. Hortaz, ez dago bermatuta bisita honetan Parisek eskaera horri behin-behineko baiezkorik edo ezezkorik ematea. Halere, haren hitzei gertutik erreparatuko diete hainbatek; esaterako, Core in Fronte alderdi independentistako buru Paul-Felix Benedetti, Corse Matin egunkariari azaldu dionez. «Emmanuel Macronen adierazpenaren irismen politikoari adi egongo gara nire taldea eta ni». Gero, azpimarratu du Korsikako Asanblean alderdi nazionalistek adostutako deliberazioa dela «kontuan hartu beharreko akordio bakarra». Hain justu, uharteko alderdi nazionalistek uztailaren 6an adostu zuten Korsika autonomia legegile bihurtzearen aldeko deliberazio komun hori, Korsikako Asanblean. Bi indar autonomistek —Femu a Corsica eta PNC Korsikako Nazioaren Alderdia— eta bi indar independentistek —Core in Fronte eta Corsica Libera— bozkatu zuten alde. Ezusteko handiena eskuineko Un Soffiu Novuko ordezkari Pierre Ghiongak eman zuen, alde bozkatu zuelako —haren alderdiko kideek, ordea, aurka egin zuten—. Denera, ganberan 63tik 46 botoren babesa izan zuen indar nazionalisten deliberazioak. Bost atal ditu testuak, 24 artikulutan banatuta. Hiru ideia nabarmentzen dira: lehenik, Korsikako herriaren aitortza, korsikeraren koofizialtasuna eta egoiliar estatusa; bigarrenik, titulu bat Frantziako Konstituzioan, estatutua biltzen duen lege organiko bat eta Korsikako herritarrak erreferendum baten bidez kontsultatzea; eta, azkenik, autonomia estatutua «progresiboki» sartzea indarrean, Parisekin finkatutako egutegi baten bitartez. Berandu baino lehen uhartearen estatusarekin zer gertatuko den jakin nahi dute Korsikako alderdi nazionalistek, eta, horretarako, egutegi bat finkatu nahi dute Frantziako Gobernuarekin. Halere, aldizkakoak izan dira orain arte bi aldeen bilerak. Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroa aritu da gobernuaren ordezkari gisa, eta hamalau hilabetean bost aldiz elkartu da Korsikako ordezkariekin. Hango zenbait hedabideren arabera, «garai kritiko» batera iritsi da afera, eta «aurrera edo atzera egiteko garaia da». Finean, Frantziako Gobernuak erabaki behar du Korsikarentzat autonomia legegilea onartu edo ez. Baina, onartuko balu ere, gerora beharrezkoa litzateke Frantziako Kongresuaren hiru bostenen babesa, eta Macronek eta haren aliatu parlamentarioek ez dute gehiengo osorik. Beraz, ezer ez dago bermatuta. Errautsetatik jaio dena Mende erdiko «borroka eta gatazka» bizi izan du Korsikako mugimendu nazionalistak, deliberazio komuna onartu zuten egunean Simeonik hala esanda. Gatazka hori are gehiago hauspotu zuen Yvan Colonna militante independentistaren heriotzak, horren harira hasi baitzen Korsika autonomia legegile egiteko prozesua. Iragan urteko martxoaren 2an jipoitu zuten Colonna, espetxean, eta hogei egun geroago hil zen. Haren heriotzak haserre handia eragin zuen Korsikan, eta batez ere gazteek antolatutako manifestazioak ugaritu egin ziren zenbait astez. Protestek etenik ez zutela ikusita, «taburik gabe» autonomiaz negoziatzea onartu zuen Parisek.
2023-9-27
https://www.berria.eus/albisteak/233291/burujabetzaren-inguruan-hausnartzeko-jardunaldiak-antolatu-dituzte-hernanin.htm
Politika
Burujabetzaren inguruan hausnartzeko jardunaldiak antolatu dituzte Hernanin
Hernaniko Udalak, Hernani Burujabek eta Udalbiltzak antolatu dute, «burujabetzaren aterkipean» egin diren esperientziak jorratzeko.
Burujabetzaren inguruan hausnartzeko jardunaldiak antolatu dituzte Hernanin. Hernaniko Udalak, Hernani Burujabek eta Udalbiltzak antolatu dute, «burujabetzaren aterkipean» egin diren esperientziak jorratzeko.
Hernaniko Udalak (Gipuzkoa), Hernani Burujabe herri ekinaldiak eta Udalbiltzak burujabetzaren inguruko jardunaldiak antolatu dituzte urriaren 19, 20 eta 21erako. Antolatzaileen asmoa da «herrigintza eta udalgintza eraldatzaileak» eratutako proiektuak ezagutzea, eta Euskal Herri osoan nola zabaldu hausnartzea. «Lurraldea burujabetzaren ikuspegitik berrantolatzen saiatzeko» eratutako ekinaldia da Hernani Burujabe. Halere, azaldu dute Hernanitik kanpo ere Euskal Herrian badirela «burujabetzaren aterkipean» kokatzeko moduko esperientzia ugari, eta horietako batzuk jorratuko dituzte jardunaldietan; besteak beste, elikadura, zaintza, lana eta hezkuntza hizpide hartuta. Lehen egunean, udalgintza, «elkarlan publiko-kooperatibo-herritarra» eta burujabetzaren aldarrikapena izan dituzte hizpide, eta hizlarien artean arituko dira, Udalbiltzako eta Hernaniko Udaleko kideez gain, Jule Goikoetxea EHUko irakaslea eta Mireia Vehi CUPeko kidea, besteak beste. Urriaren 20a, berriz, gai sektorialak jorratzeko eguna izango dute. Hirugarren eta azken eguna, berriz, festa giroan pasatuko dute, Burujabetzaren Eguna ospatuz. Kalejira bat egingo dute, «ekinaldi honetan biltzen diren burujabetza sektoreak ezagutzeko geldialdiak eginez», eta herriko kulturgileen emanaldiekin osatuta. Antolatzaileek azaldu dute aurkeztuko diren esperientziak landu eta lurralde erronkei lotzea dela jardunaldien helburua, «modu egituratu eta sistemikoan artikulatzeko» asmoz. Bide horretatik, Hernaniko alkate Xabier Lertxundik adierazi du halako proposamenak beste udalerri batzuetara ere zabaldu daitezkeela, eta horiek denak «saretu» egin beharko liratekeela: «Elkarrengandik ikasi eta edateko, eta proiektu hauek guztiak maila lokaletik nazionalerako pausoa emateko». Bide horretan, Udalbiltzaren lana ezinbesteko bilakatu daitekeela uste dute. Hala azaldu du Haritz Alberdi partzuergoko lehendakariak. Burujabetza sustatzeko egitasmoak nazio mailan jorratzearen garrantzia nabarmendu du: «Horrelako jardunaldi batek aukera ematen digu esperientzia baten eta bestearen berri jakiteko eta egiten ari den lan guztia saretzeko».
2023-9-27
https://www.berria.eus/albisteak/233292/nafarroako-77-kontzejutan-ere-hauteskundeak-egingo-dituzte-azaroaren-26an.htm
Politika
Nafarroako 77 kontzejutan ere hauteskundeak egingo dituzte azaroaren 26an
Nafarroako Gobernuak sinatu du deialdia, maiatzaren 28an ez zelako hautagairik aurkeztu.
Nafarroako 77 kontzejutan ere hauteskundeak egingo dituzte azaroaren 26an. Nafarroako Gobernuak sinatu du deialdia, maiatzaren 28an ez zelako hautagairik aurkeztu.
Hautagairik ez zen izan Nafarroako herri askotan, eta hala islatu zen udal zein kontzejuetako hauteskundeetan. Lehenaren ardura Espainiako Gobernuak du, eta bigarrenarena, berriz, Nafarroako Gobernuak. Astelehenean onartu zuen Madrilgo gobernuak azaroren 26an errepikatzea bozak 39 udaletan, eta data hori bera jarri du orain Nafarroako Gobernuak kontzejuei begira. Guztira, 40 udalerritako 77 kontzeju dira; besteak beste, Noainen (Elortzibar) Imarkoainen; Allinen; Olatzen (Eguesibar); Eltson, Alkotzen; Auzan, Eltzaburun, Iraizotzen, Suarben eta Zenotzen (Ultzama); Artatzan (Ameskoabarrena); Aitzoianen eta Berriogoitin (Berriobeiti); Narbarten (Bertizarana); Iguzkitza, Labeaga eta Urbiolan (Iguzkitza); Aizpegin, Nabaskoze eta Ustaizen (Nabaskoze); Aratzurin, Asiainen, Iberon eta Izun (Oltza Zendea); Azantzan (Goñi): Iturgoienen (Gesalatz); Girgillaon; Beorburu eta Otsakarren (Txulapain); Etsainen eta Olaguen (Anue); Igarin (Gorza); Ardanatzen (Itzagaondoa); Artaxon eta Ekai Longidan (Longida); Intzan eta Uztegin (Araitz); Zuhartzun (Arakil); Nagoren (Artzi); Zarikiegin (Zizur Zendea); Acedon (Mendaza); Aurizberrin, Gerendiainen, Esnotzen, Lintzoainen eta Mezkiritzen (Erro); Antxoritzen, Eugin, Inbuluzketan eta Larrasoañan (Esteribar); Arren, Soraurenen eta Orikainen (Ezkabarte); Arruitzen, Baraibarren, Iribasen eta Mugiron (Larraun); Tebasen (Tebas-Muru Artederreta); Zenborainen (Untziti); Anotz eta Saldisen (Ollaran); Aritzaletan, Bearin eta Errezun (Deierri); Ostitzen (Odieta); Olaitzen eta Olaben (Olaibar); Arbontzen (Erromantzatua); Ibiltzietan eta Sartzen (Sartze); eta Urraulbeitin. Kontzeju horietan ez zen hautagairik aurkeztu. Gainera, Iratxetako kontzejuan (Leotz) bozketa egin bazen ere, errepikatu egin beharko da. Hauteskunde Batzordeak egiaztatu zuen erroldan izen emandako pertsona kopurua baino boto gehiago bildu zirela. Espainiako Gobernuak eta Nafarroako Gobernuak bozetara deitutako udalerrien kopurua antzekoa bada ere, herri diferenteak dira ia kasu gehienetan. Kontzejuak Nafarroako udal administrazioko entitate bereziak dira. Mila biztanletik gorako kontzejuetan, kontzejuko batzarreko lehendakaria eta sei ordezkari hautatu beharko dituzte. 50 biztanle eta mila biztanle artekoetan, batzarreko lehendakaria eta lau ordezkari, eta 50etik beherakoetan, berriz, lehendakaria.
2023-9-27
https://www.berria.eus/albisteak/233293/fiskalak-urtebetera-jaitsi-du-zigor-eskaera-leioako-bosten-kontrako-epaiketan.htm
Politika
Fiskalak urtebetera jaitsi du zigor eskaera 'Leioako bosten' kontrako epaiketan
Orotara, ia berrogei urteko espetxe zigorra eta 45.000 euroren isunak eskatzen zituen lehen. Bost gazteek akusazioak onartu dituzte. Seigarrenaren kontrako akusazioa erretiratu du fiskaltzak.
Fiskalak urtebetera jaitsi du zigor eskaera 'Leioako bosten' kontrako epaiketan. Orotara, ia berrogei urteko espetxe zigorra eta 45.000 euroren isunak eskatzen zituen lehen. Bost gazteek akusazioak onartu dituzte. Seigarrenaren kontrako akusazioa erretiratu du fiskaltzak.
2016an EHUren Leioako campusean izandako istiluen inguruko epaiketa egin dute Bilbon. Sei gazte zeuden auzipeturik, eta fiskalak desordena publikoa, autoritatearen aurkako atentatua eta lesioak egozten zizkien: orotara, ia berrogei urteko espetxe zigorra eta 45.000 euroko isunak. Epaiketan, bost auzipetuk, Leioako bostak izendatu dituztenek, onartu egin dituzte akusazioak; ondorioz, zigor eskaerak jaitsi ditu fiskalak, eta laurentzat urtebeteko kartzela zigorra eskatu du «desordena publikoengatik», eta beste batentzat urte erdikoa «atentatuagatik». Lesio eta kalteengatik eskatutako zigor ekonomikoa ere jaitsi du: orotara, 5.200 euro inguru eskatu du. Seigarren akusatua, berriz, gertaerak grabatzeagatik identifikatutako neska bat zen; hari ere istiluetan parte hartu izana leporatzen zioten, baina akusazioak ukatu ditu, eta fiskalak erretiratu egin ditu. Akusatuen defentsa ados agertu da fiskalak egindako eskaerekin, gazteek espetxera sartu behar ez izatea ekarriko lukeelako horrek, eta zigor kode berria edo zaharra aplikatzearen ingurukoa izan da eztabaida juridiko bakarra. Izan ere, akusatu batzuentzat onuragarriagoa litzateke orduan indarrean zegoen zigor kodea aplikatzea, eta beste zenbait kasutan, berriz, zigor kode berrian zigor txikiagoak aurreikusten dira delitu horietarako. Defentsako abokatuak nabarmendu du akusatuek gertaerak onartu dituztela eta ahalegina egin dutela gauzak errazteko «nahiz eta akusazio batzuk oso eztabaidagarriak izan», eta, beraz, uste du epaiak banan-banan aztertu beharko lituzkeela kasuak eta akusatu bakoitzari araurik onuragarriena aplikatu. 2016ko apirilaren 26an ikasle greba egin zuten EHUn, IA Ikasle Abertzaleak mugimenduak antolatuta. Manifestazioa campusa zeharkatzen ari zirenean, ikasle batzuk errektoretzaren egoitzan sartu ziren, kristalezko atea apurtuta, eta tirabirak izan zituzten barruan zeuden segurtasun zaindariekin. Zazpi zaindarik lekuko gisa deklaratu dute, eta denen kontakizuna oso antzekoa izan da. Denek aitortu dute kalte ordainak jaso dituztela orduan deklaratu zituzten lesioengatik, eta uko egin diote ordain gehiago jasotzeari. Bederatzi ertzainek ere deklaratu dute lekuko gisa. Esan dutenez, errektoretzaren egoitzara iritsi ziren istiluen berri izan zutenean, eta heldu zirenean, barruan zeuden gazteak eraikinetik ateratzen ari ziren. Zaindarien ohartarazpenei jarraikiz egin zituzten atxiloketak, inguruan zeuden gazteen artean. Seigarren auzipetuaren kasuaz, berriz, ertzain batek ere ez du argibiderik eman. Inork ez du aitortu neskari datuak hartu izana, baten batek argi esan du atxilotuak bost mutil izan zirela, eta akusatuen zerrendan neska zergatik sartu zuten galdetuta, batzuek esan dute ez dituztela ondo gogoratzen orduko xehetasunak. Neskaren defentsak aurkeztutako lekuko batek, berriz, adierazi du eskola batetik bestera zihoazela istiluak gertatu zirenean, eta akusatuak telefonoa atera besterik ez zuela egin, irudiak grabatzen saiatzeko. Ondorioz, akusazioa kentzea erabaki du fiskalak. Elkarretaratzea Epaiketa hasi aurretik, IAk deituta elkarretaratzea egin dute Bilboko Justizia jauregiaren aurrean, akusatuei babesa adierazteko. Leioako bostak aske nahi ditugu, Errepresioa gelditu, Erasoen aurrean gogor eta tinko, Borroka da bide bakarra, Jazarpen polizialari aurre egin eta antzeko leloak oihukatu dituzte elkarretaratzeak iraun duen bitartean. Akusatuak eta abokatuak epaitegira iritsi direnean, txaloka hartu dituzte. Epaiketa amaitutakoan ere, gazteak epaitegiaren kanpoko aldean egon dira akusatuen zain, eta txaloka eta oihu eginez hartu dituzte atera direnean. Ertzainek identifikatu egin dituzte harreran parte hartzen ari ziren zenbait gazte. Epaiketara iritsi arteko zazpi urteak «luzeak eta gorabeheratsuak» izan direla esan du akusatuetako batek, Ander Mazkiaranek: «EHUk garai hartan errepresioa erabiltzen zuen ikasle mugimenduaren aurka, eta gu hori salatzeko atera ginen. Gaurkoa errepresio sistematiko horren beste kapitulu bat izan da, lazgarriagoa, baina guk unibertsitatean egiten den eskubide politikoen urraketaren barruan sartzen dugu, eta hori salatzea dagokigu orain».
2023-9-27
https://www.berria.eus/albisteak/233294/behobiaren-bila-bideoan-euskararen-arrastorik-ez.htm
Kirola
'Behobiaren bila' bideoan, euskararen arrastorik ez
Behobia-Donostia lasterketako aurtengo elastikoa aurkeztu du Fortunak bideoklip batean. Ez dago euskararen arrastorik.
'Behobiaren bila' bideoan, euskararen arrastorik ez. Behobia-Donostia lasterketako aurtengo elastikoa aurkeztu du Fortunak bideoklip batean. Ez dago euskararen arrastorik.
«Hona hemen 58. edizioko Behobia-SS kamiseta ofiziala. Gure filmeko kamiseta, 'Behobiaren bila'». Hitz horiekin eta bideo batekin aurkeztu du Fortuna kirol elkarteak X sare sozialean Behobia-Donostia lasterketako aurtengo elastikoa. Txioa euskaraz eta gazteleraz argitaratu du, baina bideoa hizkuntza bakarrean egin du, gazteleraz, eta euskararen arrastorik ez da, ez pertsonaien ahotsetan, ezta errotulazioan ere. Hitz soil batzuk besterik ez da entzuten bideoan: «¿Un torrefacto bien fuerte como siempre, no, capitán?» (torrefaktu oso sendo bat beti bezala, ala, kapitaina?), «ahora lo recuerdo» (orain gogoratzen dut) eta «capitán, estamos preparados» (kapitaina, prest gaude), nagusiki. Baina, hala izanik ere, azpidatzita ere ez dute eman bideoa euskaraz. Are gehiago, bideokliparen hasieran ez da ageri Donostiaren euskarazko izena: «San Sebastián (País Vasco)». Eta amaieran agertzen den traol hitza ere gazteleraz dago: #eltesorodeBehobia (Behobiako altxorra). Fortuna kirol elkarteak BERRIAri adierazi dio bideoa Luanvi etxeak egin duela, elastikoak egin dituen etxeak berak. Eta euskarazko bertsiorik ez dagoela berretsi dute, hori dela bideo bakarra. Luanvi Valentziako (Herrialde Katalanak) jantzi marka bat da, eta hainbat kiroletarako elastikoak egiten ditu. Azaroaren 12an jokatuko da Behobia-Donostia lasterketa. Bideoklipak ez bezala, aurtengo aldiaren elastikoak eta kartelak euskarazko leloa dute: Behobiaren bila. Lasterketaren ibilbidea du marraztua aurtengo elastikoak, altxor baten mapa bat balitz bezala. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, «lasterketa girotzen duen pirata mitikoa» omendu nahi izan dute, «modu altruistan ematen dion guztiagatik».
2023-9-27
https://www.berria.eus/albisteak/233295/22-urteko-kartzela-zigorra-ezarri-diote-gizon-bati-bi-adingaberi-sexu-abusuak-egiteagatik.htm
Gizartea
22 urteko kartzela zigorra ezarri diote gizon bati, bi adingaberi sexu abusuak egiteagatik
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren ustez, biktimek jasandako sexu eraso jarraituan larderia egon zen, etxean jasandako «zapalkuntzagatik». Aurrez epaitegiek ezarritako zigorra urtebete eta hiru hilabete handitu dio.
22 urteko kartzela zigorra ezarri diote gizon bati, bi adingaberi sexu abusuak egiteagatik. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren ustez, biktimek jasandako sexu eraso jarraituan larderia egon zen, etxean jasandako «zapalkuntzagatik». Aurrez epaitegiek ezarritako zigorra urtebete eta hiru hilabete handitu dio.
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak beste urtebete eta hiru hilabeteko kartzela zigorra gehitu dio gizon baten aurkako kondenari, 8 urteko neska bati eta 11 urteko beste bati tratu txarrak, abusuak eta sexu erasoak egiteagatik. Joan den urtarrilean Nafarroako Probintzia Auzitegiak ezarritako zigorrari gehitu dizkio, eta, hortaz, guztira, 22 urteko kartzela zigorra ezarri dio. Auzitegi Nagusiak epaian frogatutzat eman ditu gizonak «tratu txarrak» eta sexu abusuak egin zizkiela bere ardurapean zeuden bi ahizpei. Gertakari horiengatik, Nafarroako Auzitegiko Lehen Atalak zigor hauek ezarri zituen: 11 urte eta 3 hilabeteko espetxe zigorra 16 urtetik beherako adingabearen aurkako sexu eraso jarraituaren delituagatik, beste 5 urte eta 6 hilabeteko espetxe zigorra 16 urtetik beherako adingabearen aurkako sexu abusu jarraituak nagusitasunez egiteko delituagatik, eta bi urteko espetxe zigorra ohiko tratu txarren bi delituengatik. Epai horren aurkako errekurtsoa aurkeztu zuten Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusian, bai defentsak, bai akusazio partikularrak. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Zigor Arloko Salak, ordea, larderia antzeman du gertakarietan. Magistratuek ondorioztatu dute akusatuak adingabeen gaineko «nagusitasuna» erabili zuela eta neskatoen aurkako indarkeria giroa sortu. Epaileen arabera, adingabeek «jazarpen psikologikoa» eta «zapalkuntza» giroa jasan behar izan zuten etxean, eta larderia egon zen.
2023-10-1
https://www.berria.eus/albisteak/233296/elikadura-eta-historia-euskadin-doako-ikastaroa.htm
albisteak
Elikadura eta Historia Euskadin. Doako ikastaroa.
Eguneroko pertsona ekintzen artean, elikadurak oso ondo adierazten ditu jendartearen egoera ekonomikoa, ohiturak eta hertsadurak. Ikastaroan, XV. eta XIX. mendeen arteko elikagaien analisiaren bidez (zientifikoa, baina nahiko informala), Euskadiko historia sozioekonomikoaren hainbat atal ezagutuko dugu. Ondorioz, hobeto ulertuko dugu bai gaur egun jaten eta edaten dugunaren zergatia, bai eta zenbait tradizioren esangura ere.
Elikadura eta Historia Euskadin. Doako ikastaroa.. Eguneroko pertsona ekintzen artean, elikadurak oso ondo adierazten ditu jendartearen egoera ekonomikoa, ohiturak eta hertsadurak. Ikastaroan, XV. eta XIX. mendeen arteko elikagaien analisiaren bidez (zientifikoa, baina nahiko informala), Euskadiko historia sozioekonomikoaren hainbat atal ezagutuko dugu. Ondorioz, hobeto ulertuko dugu bai gaur egun jaten eta edaten dugunaren zergatia, bai eta zenbait tradizioren esangura ere.
Ikastaroa euskaraz eta doan izango da. Informazioa: Data: 2023ko urriaren 10etik azaroaren 7ra arte Ordutegia: 18:00etatik 20:00etara Garatuko den espazioa: 1003 Non: UNED Bizkaia Ikusi egutegia Ikastorduak: 10 Kredituak: 0.5 ECTS Ikusi jarduera gehiago Asistentzia ez da beharrezkoa, hiru aukera dituzu: presentziala, online zuzenean ala online aurrez grabatuan Ikusi jarduera gehiago Egitaraua Asteartea, urriak 10 18:00-20:00 Lehen menua - Plater bakar betegarriak. - Txintxil menestra txingarrarekin: nekazari hamarrenak, landutako eremuaren banaketa. - Amuko arrainak. - Bakailaoa pil-pil erara: erlijio kristaua, elikaduraren baldintzatzaile. - Kopan elkartuta. - Aparteko urak: uraren hornidura eta edangarritasuna. - Herriko ardoa eta sagardoa: mahasgintzaren bilakaera; nekazari soldatapekoak; protekzionismoa salmentan. - Ogia, labean ondo egina. - Artatxiki opilak: labore ekoizpenaren bilakaera. Asteartea, urriak 17 18:00-20:00 Bigarren menua - Plater bakar betegarriak. - Babarrun lapikokoa: Ameriketako produktuak sartzearen ondorioak. - Gure baserrietako okelak. - Berrizko txuleta: abelazkuntzaren errentagarritasuna. - Goierriko oilaskoa, erreta: baserrien jabetza eta errentamenduak; udal gobernua. - Ogia, labean ondo egina. - Gari ogi hautatuak (Gasteizkoa, Viena, fotea): baldintza sozioekonomikoak elikaduran. Asteartea, urriak 24 18:00-20:00 Azkenburuko hautatuak - Ohiko azkenburukoak. - Intxaur saltsa: basoen amankomuneko kudeaketa eta pribatizazioa. - Idizabalgo J.D. gazta: baserritarren bidaiak eta abegikortasuna; artzaintza eta transhumantzia. - Egile sorketak. - Areatzako guardia zibilak, Tolosako zigarretak: aisialdia eta osasuna XIX. mendean; propaganda politikoaren hasiera. - Gustuko infusioak. - Kafea: XIX. mendearen soziabilitate liberal berria. - Txokolatea azukre tontorrekin: merkataritza eta esklabismoaren interesak Ameriketan. Asteartea, urriak 31 18:00-20:00 Hirugarren menua - Plater bakar betegarriak. - Taloa txorizoarekin: elikaduraren ezberdintasunak geografiaren arabera. - Amuko arrainak. - Sardina, erreta: elikaduraren ezberdintasunak jendarte mailaren arabera; arrantzaren lansaria. - Gure baserrietako okelak. - Odoloste hautatuak (Zeberio, Ordizia): moneta eta aurrezkia nekazari eremuan. - Gustuko infusioak. - Ezkaia: herri medikuntza, eta unibertsitatekoa. asteartea, azaroak 7 18:00-20:00 Laugarren menua - Amuko arrainak. - Hegaluzea eskabetxean: arrain kontserbagintza. - Ohiko azkenburukoak. - Gaztain erreak: nekazari ekoizpenaren esportazioa. - Valentziako eta Eako laranjen saskitxoa: merkataritzaren itsas eta lurreko bidatzak. - Ogia, labean ondo egina. - Galleta: nabigaziorako jakiak. - Kopan elkartuta. - Urteko ardoak (Ribeiro eta Errioxa): ardoaren ekoizpena eta esportazioa; udal hornikuntzak. Inskripzioa Leku-kopuru mugatua, aurrez aurreko modalitatean. Mesedez, matrikula egiteko orduan, adierazi zer-nola parte hartuko duzun jardueran. Modalitate presentzialean, saioen % 85era joan behar da ziurtagiria eskuratzeko. Online modalitatean, autoebaluaziorako galdetegi bati erantzun beharko zaio. Kontuan izan zure matrikula-eskabidean emandako datuekin ziurtagiriak egiten direla; ziurtatu zuzenak direla eta osorik daudela. Ikastaroa, doakoa da. Zuzendaria eta hizlaria Enriqueta Sesmero Cutanda: Historian doktorea. Artxiboko goi-mailako teknikaria Bizkaiko Foru Artxibo Historikoan. Irakasle tutorea Bizkaiko UNEDen. Norentzat Euskadiko Historian interesatua dagoen edozein pertsonarentzat. Ez da titulaziorik behar Helburuak: - Euskadiko historia sozioekonomikoaren zenbait gai ezagutu eta ulertzea. - XX. mendea baino lehenagoko elikagairik ohikoenak eta haien testuinguru historikoa Euskadin ezagutu eta alderatzea. - Euskadiko elikaduraren bilakaera ulertzea. - Gaur egungo zenbait elikagai ikuspuntu soziohistorikotik aztertzea. - Ulertzea zenbait produktu tradizionalek zergatik dirauten gaur egungo elikaduran. Metodologia Irakaskuntza: 2 orduko 5 saio. Hizlariak elkarrizketak bultzatuko ditu Bi gozoki dastaketa, osagaiak aztertu eta jorratzea dela helburu. Ikastaroaren formatua ez da edukien aurkezpen lineala, ez kronologiaren araberakoa, ez eta arloen araberakoa ere. Ebaluazio-sistema Online modalitatean, zuzenean zein aurrez grabatuta, autoebaluaziorako galdetegi bakar bati erantzun beharko zaio, azken saioaren grabazio lotura jasotzen denetik 15 egun naturaleko epean. Informazio gehiago: Bizkaiko UNED Ignacio Ellakuria parkea, 3 48920 Portugalete (Bizkaia) 94-493 65 33 / info@portugalete.uned.es Antolatzailea: Laguntzaileak: Finantzatzailea:
2023-9-27
https://www.berria.eus/albisteak/233297/nafarroako-volkswagenek-laurehun-lanpostu-kenduko-ditu-bi-urtez.htm
Ekonomia
Nafarroako Volkswagenek laurehun lanpostu kenduko ditu bi urtez
Auto elektrikorako trantsizioa egiteko proposatu du murrizketa hori zuzendaritzak. 2027tik aurrera gaur egun baino langile gehiago beharko dituela esan du.
Nafarroako Volkswagenek laurehun lanpostu kenduko ditu bi urtez. Auto elektrikorako trantsizioa egiteko proposatu du murrizketa hori zuzendaritzak. 2027tik aurrera gaur egun baino langile gehiago beharko dituela esan du.
Nafarroako Volkswagenen laurehun langile gutxiago —egungo lantaldearen %10— izango ditu ia bi urtez, 2024aren erdialdetik 2026aren hasierara bitartean. Denbora horretan, langileek bi txanda eta erdian lan egingo lukete. Hala jakinarazi dio zuzendaritzak langile batzordeari, lan hitzarmena negoziatzeko lehen bileran. Horrekin batera, zuzendaritzak berretsi du Landabengo plantak Polo autoa ekoizteari utziko diola, lau hamarkadaren ondoren. Datorren urteko martxotik aurrera izango da hori, baina baliteke pixka bat atzeratzea, abuztu erdialdera. Ordutik aurrera lantegia auto elektrikoen fabrikazioa prestatzen hastea aurreikusi dute. 2024 eta 2026 bitarteko auto elektrikorako trantsizioa barne hartuko duen lan hitzarmena bat egitea proposatu du zuzendaritzak, ekoizpen aurreikuspenak behin-behinekoak direla oinarritzat hartuta. Hala, 2025erako 215.000 auto produzitzea aurreikusten du, denak errekuntzakoak, eta 2026rako, berriz, 200.000, errakuntzakoak eta Landabengo plantan egingo diren bi modelo elektrikoak —Skoda markako bat eta Volkswagen ID2X—. Taigo modeloa egiteari utziko diote Nafarroako plantan, eta, errekuntza auto gisa, T-Cross autoa bakarrik mantenduko da, bi auto elektrikoekin batera. 2027. eta 2028. urteetarako urtean 350.000 auto ekoiztea aurreikusten dute, eta, kopuru horiei esker, «enpleguaren egungo kopuruak berreskuratu eta gainditu ahal izango dira», enpresak ohar batean azaldu duenez. Zuzendaritzak azaldu duenez, auto elektrikoak eta errekuntzakoak malgutasunez eta aldi berean ekoizteko prestatuta egoteak etorkizunerako bermea ematen dio Landabengo plantari, ekoizpen mailak babesten baititu merkatuaren balizko gorabeheren aurrean. Halaber, jakinarazi du aurreikusitako inbertsioei eutsiko diola, eta «2025erako aurreikusitakoak aurreratu direla».
2023-9-27
https://www.berria.eus/albisteak/233298/bizi-mugimenduaren-burujabe-egitasmoak-ez-du-gure-bizi-baldintzak-berreskuratzea-ahalbidetzen.htm
Iritzia
Bizi mugimenduaren ‘Burujabe’ egitasmoak ez du gure bizi baldintzak berreskuratzea ahalbidetzen
Bizi mugimenduaren ‘Burujabe’ egitasmoak ez du gure bizi baldintzak berreskuratzea ahalbidetzen.
Bizi mugimenduaren ideologia, gizadiaren arazo nagusia beroketa klimatikoa dela ideian oinarritzen da: «Gizadiaren historian lehen aldiz, baitezpadako mundu mailako elkartasunaren desafioa ageri da: klima aldaketa». Gure iritziz, badu aspaldi mundu mailako «baitezpadako» elkartasunaren beste desafio ainitz badela. Bizi bezala, «munduko biztanleria guziak 1,7 planeta kontsumitzen» dituela eta horrek «Hegoaldeko herrien miseria eta handitzen doan Iparraldekoena» eragiten duela ohartzen gara, baita «eritasun mental kolektibo batek beti gehiago kontsumitzera bultzatzen» gaituela. Baina ohartzen gara ere, eritasun mental kolektibo askoz larriago batek beti gehiago besteen lana kontsumitzera bultzatzen gaituela, eta eritasun hori gutariko bakoitzak zabaltzen duela bere bizi moldearekin. «Harreman sozialak eta elkartasuna eraikiz» sendatuko garela dio Bizik. «Harreman sozialek eta elkartasunak» besteen esplotazio eza adierazten badu ados, baina Bizik ez du adiera hori zehazten bere «esperantza eta etika dakartzan ereduan». Gauzak hola, Bizik, «gure kontsumoaren ezinbesteko murrizketa», bereziki ingurumenaren gain duen eraginagatik justifikatzen du, gure ustez ez batere aski gizakien gain duen eraginagatik. Bizik dio «garapen teknologikoa aitzinamendu gisa» har daitekeela, «biztanleria osoaren bizi-baldintzak hobetzen baditu soilik» eta «teknologia noizbehinka ezegokia, garestia eta kontra-produktiboa» izan daitekeela. Teknologiak ez dituela sekula biztanleria osoaren bizi-baldintzak hobetu pentsatzen dugu, kasik beti giza-kostu eta kostu ekologiko oso handikoa dela, eta usu ezegokia dela, zeren teknologiaren, hau da teknika moderno eta korapilatsuaren, lehen helburua, ez ote da etekin kapitalisten handitzea? Pixka bat urrunago, Bizik, «denetan eta guztiengandik erabilgarriak eta eskuragarriak» diren teknikak erabiltzea proposatzen du. Oinarrizko ideia honekin bat egiten dugu eta prest gara Bizirekin teknika hauek zein izan daitezkeen zehazteko. Bizik urritasun energetikoa iradokitzen du, erranez jokaera «moderatua» dela, «oinarrizko beharrak definitu nahi dituena, eta kontsumo energetikoa behar horien arabera finkatzen duena». Baina «energia iturri fosilekiko menpekotasuna apaltzea» iradokiz, energia iturri fosilekiko menpekotasunean gelditzen gara, menpekotasun handian; «jendartearentzat hain kutsakor eta hain suntsikor ez den turismo eredua» proposatuz «ez diezaiogun Euskal Herria turismoari bakarrik eskaini», eredu kutsakor eta suntsikorrarekin gelditzen gara, oso kutsakorra eta suntsikorra, eta Euskal Herria turismoari eskaintzen segitzen dugu. Bizik dio ez dugula «mugikortasun ekologikoki eta sozialki iraunkorra eraikiko automobil elektriko edo hibridoan bakarrik» oinarrituz, baina hala ere horretan oinarrituz, zeren Biziren ikuspegi bereziki hiritarrarentzat, argi da «autoak Euskal Herriko baserrialde zokoratuenei egun bide berriak ireki dizkiela eta hango biztanleen bizi-kalitatea anitz hobetu duela». Guk ez dakigu nola planeta kutsatu gabe bizikleta elektriko bat eraikitzen den. Gainera, pentsatzen dugu, autoaren erabilpenaren garapena, planetako biztanleen bizi-kalitatearen txartzearen eragile nagusietakoa dela, garapen horrek eragiten duen gizakien esplotazioa eta planetaren suntsiketa ikaragarriak baitira. Gu aurek erabiltzen dugu, baina ideia hau buruan atxikiz eta ondorioz egiazko alternatibak eraikiz. 1,7 planeta jaten baditugu, «apaltzea» eta «ez hain» ez dira aski izanen. Errealistak izan gaitezen, politikoki egokia ez bada ere, urritasun energetikoa moderazio oso-oso handiko jokaera izan behar da edo ez du ezer konpontzen. Turismoa plazerarentzat bidaiatzea da. Salbazioa plazer norberekoien moderazio oso-oso handian datza. Bizik «Euskal Herriko eguzki, haize eta erreketatik nagusiki etorriko den energiaren ekoizpena» bultzatu nahi du, zehaztu gabe energia hauen ekoizpena eta erabilera oso kutsakorrak izan daitezkeela, eta aipatu gabe kutsakorrak ez diren bi energia iturri, giza eta abere energiak, adibidez lurra lantzeko. Ados gogoetak «oinarrizko beharrei» buruz eraman behar ditugula. Guretzat, lehenetarikoa, beste pertsonak zuzenki edota zeharka esplotatu gabe bizitzearen beharra da, hau da, beste pertsonekin elkarlanean bizitzea da. Elkarlana, edo «kooperazioa», esplotazioaren aurkakoa da; ez da Bizik dion bezala «langunea partekatzea», baizik eta gunea nun lana partekatzea da. Bizik «lanaren zentzua» berraztertu behar dela dio. Gure ustez oso ideia ona da. Baina ber esaldian, Bizik dio «elkarlaneko logika industrial batera» pasa behar garela. Gure ustez, aldiz, elkarlaneko logika anti-industrial batera pasa behar gara, eta jendarte industriala berraztertu behar dugu, l’Encyclopédie des nuisances, Pièce et main d’oeuvre, La lenteur, L’échappée… argitaletxeetako liburu ainitzek egiten duten bezala. Bizik norabide horretan doan ideia bat zabaltzen du: «Gure garraio moldeak, autogintza industrialaren behar eta interesetara egokituagoak dira gure behar eta interesetara baino»; baina ez du zehazten ideia horrek gure jarduera guzientzat balio duela. Hain zuzen, gure artatzeko moldeak, industria farmazeutikoaren behar eta interesetara egokituagoak dira gure behar eta interesetara baino, gure elikatzeko moldeak, elikagaigintza industrialaren behar eta interesetara egokituagoak dira gure behar eta interesetara baino, gure aterbetzeko moldeak, komunikatzeko, dibertitzeko... Gure bizitzeko moldeak, industriaren akziodunen diru eta dominazio gogora egokituagoak dira gure behar eta interesetara baino. Ekonomia linealaren kritika egiterakoan, Bizik bereziki «naturaren mugagabeko» esplotazioaz hitz egiten du. Berriz diogu, gure ustez, langileen mugagabeko esplotazioa indar berdinarekin salatzea ezinbestekoa da. Bizik gai soziala azaletik hunkitzen du, bereziki «lan behartuaren partea ttipitzea» proposatuz. Gure ustez, beste pertsonen lan behartua desagertzea proposatu behar da. Baina Bizi, «eredu hierarkikoak galdezkatzera» mugatzen da. Atal hau, azken hamarkadetan lana eta jendarte harremanak txartu direla aipatuz bukatzen du Bizik. Baina duela hamarkada batzuk, planetako langile gehiengoarentzat ez ote ziren jada jasangaitzak? Bat gatoz Bizirekin «hezkuntzak ezinbesteko rola» duela diolarik, baina ez gatoz bat hezkuntza hori frantses estatuak bezala «eskola guzietan» gauzatu nahi duela diolarik, kontutan hartu gabe eskola hauek ororen buru elite ekonomikoak bere interesentzat maneiatzen dituela eta ez haurren eta nerabeen interesentzat (irakur adibidez idazki oso interesgarri hau www.monde-diplomatique.fr/2010/10/HIRTT/19756 eta HerriBiltzaren Herria Haurren Hezitzaile egitasmoa herribiltza.eus Euskal Herria ikastegia atalean). Horra gure ustez Biziren ideia bikaina sakondu behar dena: «Bizitzeko eskubidea merkaturako balore ekoizpenak baldintzatzen duela pentsatzera iritsi gara». Baina bost lerro urrunago, Bizik ideia hori etorkizun urrunean sakontzeko asmoa duela jakiten dugu: «Epe luzera, merkantilismotik urruntzen den ekonomia berrosatzea da helburua». Gure ustez, merkatuari alternatiba den ekonomia eredua oraindanik berrosatu behar dugu, eta ondorioz merkatuaren kategoriei ere alternatiba oraindanik berrosatu behar dugu: soldatapeko lanari («lanpostuak iraunkortzea»), salmentari («salduz ahal bezain hurbil», monetari («Euskoa»)... 40. orrialdean Bizik lehen aldiz langileen esplotazioa aipatzen du, baina soilik «Hegoaldeko herrialdeetako langileena», ez Iparraldeko herrialdeetako langileena. Bat egiten dugu «merkantilizaziotik pixkanaka ateratzeko bidean» gu guziak ezartzearen Biziren ideiarekin (hala ere nahiago genukeen merkantilizaziotik pixkanaka abiadura handian ateratzeko bidean irakurri), baina Bizi konkretura pasatzen delarik, proposatutako aterabideak erabat merkantilizazioaren barnean egoiten dira, zeren gehienbat zerga batzuetara mugatzen dira: - «Euskal Herriko hiru entitate administratiboetako» klimarendako zerga batzuetara, - Tokiko zergek diruztatuko luketen «Euskal Herri osorako udal-arteko garapen banku batetara», - «Aberatsenen debaldeko xahutzeei esker prekarioenen oinarrizko beharrak diruztatzeko, ura eta argindarrarendako tarifa progresiboak ezartzera», - Uraren eta argindarraren «luxuzko kontsumoa azkarki kobratzera» («bere bigarren egoitzaren igerilekua betetzen duen goi koadroaren» aurka oldartzen da Bizi, baina bere lehen egoitzaren igerilekua betetzen duen euskal herritarra ez du aipatzen), - Bigarren egoitza ukaiteko gogoa galarazteko zerga altuak ezartzera, - Jarduera kutsatzaileei zerga ezartzera, - Produktuen garraioak eragindako «gas isurketen araberako zerga ordainaraztera»... Biziren proposamen hauekin, prekarioen oinarrizko beharrak diruztatzeko, aberatsenek debaldeko xahutzeak egitea komeni litzatekeela dirudi! Biziren egitasmo honekin, langileei lapurtutako diru ainitz dutenak lasai lo egin dezakete: zerga handiak ordaindu beharko dituzte, baina beren luxuzko kontsumoa, beren jarduera kutsatzaileak eta beren igerilekuaren betetzea segitzen ahalko dituzte! Gainera, zerga handiak nola ordainaraziko zaizkien jakin nahi genuke. Bizirentzat, «irabazi indibidualen muga bat inposatu behar da edo, gutxi gorabehera berdintsu dena, maila gorenen zergapetze oso azkarra». Nork inposatu? Justu lehenago Bizik dio «elite ekonomiko arras murritz batek boterea bereganatzen» duela. Beraz maila gorenek beren buruari zergak inposatuko dizkiete? «Beste balore eskala bat inposatu behar da, giza harremana merkataritzako ondasuna baino gorago ezartzen duena», dio oraino Bizik. Inposaketa Biziren balioa da? 50. orrialderaino joan behar da «kontsumitzaile-herritarra ekoizpen prozesuan berriz sartzearen» ideia bikaina atxemaiteko, hau da, ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko bereizketa orokortuarekin bukatzearen ideia, gure lagun zapatistek egiten duten bezala, kasik denek egunero janaria ekoizten ordu batzuk pasatuz. Baina besteak beste euskaldunon topatzeko zapatistek ozeanoa berriki zeharkatu zutelarik, Biziko kideak ez ziren hurbildu. Gainera, ideia hau Biziren egitasmoaren hasieran irakurtzea nahiago genukeen, gauza handirik aldatzen ez duten «ekoizle eta kontsumitzaileen arteko lotura» bezalako ideia zehaztugabeen ordez. Dokumentuaren bukaerak berriz ere harridura handia eragiten digu, «San Frantziskok zero hondarkin lehen hiria izaiteko esperantza duela eta Kalifornia energia garbia %100ean erabiltzera engaiatzen dela 2045 urterako» jakiteak Bizi pozten duela irakurtzen dugularik. Hemen kontsumitutako produktuek, beren lehengaien ateratzean, ekoizpenean, garraioan... gehienetan hondakin ikaragarriak eragiten dituztela ahanzten du Bizik. Eta benetan jakin nahi genuke zer den Bizirentzat energia garbia: «energia berriztagarria»? Euskal Autonomia Erkidegoko gobernuak hamarnaka gunetan ezarri nahi dituen haize erroten ekoizpena, eta laborantza lurren gainean Nafarroako Foru Komunitateko gobernuak ezarri zituen eguzki plaken ekoizpena, energia garbiarekin egiten dira? Bizik bukatzen du esaldi berean «energiak ez du merkantzia izan behar» eta «prezio ekologiko eta sozialak zehaztu behar dira argindarra ordaintzeko» idatziz. Merkantzia ez den zerbait ordainduko dugu? Erabat ados gara «gure bizi baldintzen berreskuratzea» ideiarekin eta bat gatoz gure bizi baldintzen berreskuratzeko moldeari buruzko Biziren ideia batzuekin, adibidez «bizi duin baten gutieneko baldintza materialak eta sozialak segurtatzeko gai izango diren komunitate zabalak berreraiki ditzagun» ideiarekin. Baina gure ustez, orokorki, Biziren Burujabe: gure bizi baldintzak berreskuratuz egitasmoak ez du gure bizi baldintzak berreskuratzea ahalbidetzen, lehenago ez baitu aztertzen zertan datzan gure bizi baldintzen galtzea. Oharra: Idazki hau HerriBiltza-k Bizi-ren Burujabe: gure bizi baldintzak berreskuratuz egitasmoari egiten dion bigarren kritika da (egitasmoa hemendik deskargatzen ahal da: https://bizimugi.eu/eu/burujabe-gure-bizi-baldintzak-berreskuratuz)
2023-9-27
https://www.berria.eus/albisteak/233299/esk-k-salatu-du-langile-bat-kaleratu-dutela-laquoertzaintzaren-presioengatikraquo.htm
Ekonomia
ESK-k salatu du langile bat kaleratu dutela «Ertzaintzaren presioengatik»
Enpresak «arrazakeria» akusazioak ukatu ditu. Marokoarra da eta, aurretik, Poliziaren «salaketa faltsu» batengatik epaitu eta absolbitu egin zuten.
ESK-k salatu du langile bat kaleratu dutela «Ertzaintzaren presioengatik». Enpresak «arrazakeria» akusazioak ukatu ditu. Marokoarra da eta, aurretik, Poliziaren «salaketa faltsu» batengatik epaitu eta absolbitu egin zuten.
ESK sindikatuak salatu du Iparvending taldeak langile bat kaleratu duela, enpresak eta Ertzaintzak «tratu iraingarria eta arrazista» eman ondoren. Langilea marokoar jatorrikoa da, sei hilabeteko behin-behineko kontratua zuen, eta probaldian zegoen. Enpresak «arrazakeria» akusazioak ukatu ditu, baina ez ditu zehaztu kaleratzearen arrazoiak, kaltetutako «pertsonarekiko errespetuagatik». Sindikatuak azaldu duenez, abuztuaren 22an Ertzaintzaren Berrozi taldearen instalazioetako elikagai makinak hornitzera joan zen. Lana amaitu ondoren, ertzain batek furgonetatik jaisteko eskatu zion, 2019ko gertakari batzuei buruz hitz egiteko —Ertzaintzaren salaketa bat jaso zuen gazteak, urte eta erdiko espetxe zigor eskaerarekin, baina, epaiketaren ondoren, absolbitu egin zuten—; horrekin batera «agenteekin duen jarrera aldatzeko» eta «arazoetan sartzeari uzteko» eskatu zion. Ertzaintzaren egoitza utzi eta enpresaren pabiloira iristean, enpresako arduradunak jakinarazi zion dei bat jaso zuela gaztearen aurrekari judizialen berri emanez, eta esan zion lan kontratua etengo ziola. Langileak salaketa jarri du epaitegian. «Zalantzarik gabe, diskriminaziozko eta jatorri arrazistako tratu baten aurrean gaude. Zoritxarrez, ez da kasu bakan bat, baizik eta arrazializatutako pertsona askoren egunerokoa da, eta, enplegu prekarioak eskuratzeaz gain, Ertzaintzaren edo enpresen estigmatizazioa jasan behar izaten dute beren lana egiten duten bitartean», salatu du ESK-k. Berri agentzia bati egindako adierazpenetan, enpresak ukatu egin ditu akusazioak, eta azpimarratu du langilea kontratatu zutela «bere baldintza pertsonalekin zerikusirik duen ezer kontuan hartu gabe».
2023-9-27
https://www.berria.eus/albisteak/233300/kanadako-parlamentuko-buruak-kargua-utzi-du-ukrainako-nazi-bati-omenaldia-egin-ostean.htm
Mundua
Kanadako Parlamentuko buruak kargua utzi du, Ukrainako nazi bati omenaldia egin ostean
SSetako Galitzia Dibisioan aritu zen 98 urteko ukrainarra, eta Ottawako parlamentura gonbidatu zuten Volodomir Zelenski Ukrainako presidentearen bisitaren harira. Txaloka hartu zuten han nazi beteranoa, eta Parlamentuko buruak «heroi» gisa aurkeztu zuen.
Kanadako Parlamentuko buruak kargua utzi du, Ukrainako nazi bati omenaldia egin ostean. SSetako Galitzia Dibisioan aritu zen 98 urteko ukrainarra, eta Ottawako parlamentura gonbidatu zuten Volodomir Zelenski Ukrainako presidentearen bisitaren harira. Txaloka hartu zuten han nazi beteranoa, eta Parlamentuko buruak «heroi» gisa aurkeztu zuen.
«Oker» bat izan zela argudiatu dute, baina Kanadako Parlamentuko presidente Anthony Rotak dimisioa eman behar izan zuen atzo. Joan zen ostiralean gertatu zen. Ukrainako presidente Volodomir Zelenskiren bisita hartu zuten legebiltzarrean, Errusiaren inbasioaren harira sostengua agertzeko. Zelenskiren hitzaldia amaitu ostean, berriz, Rotak parlamentuko kideei eskatu zien gonbidatuen harmailara begiratzeko. Han zegoen Iaroslav Hunka seinalatu zuen, 98 urtekoa, eta «Ukrainako eta Kanadako heroia» zela esan zuen, Bigarren Mundu Gerran Armada Gorriaren kontra borroka egin zuelako boluntario gisa. Legebiltzarreko kideak zutik jarri, eta txaloka hartu zuten gizona. Hark, emozioz hartu zuen txalo zaparrada, eta Zelenskik ukabila altxatuta agurtu zuen. Baina, asteburuan, Hunkaren inguruko datuak zabaltzen hasi ziren. Jakinarazi zutenez, SSetako Galitzia Dibisioan parte hartu zuen. Poloniako herritarrak hil zituen talde militar horrek 1944. urtean. Hunkaren iraganaren inguruko laino beltzak ugarituz joan dira astearen hasieran, eta atzo hasi zen ekaitza. Rotak diputatuei iragarri zien parlamentuko presidentetza utziko zuela, «dolu handiz». Izan ere, dimisioa emateko eskatu zioten Kanadako alderdietako ordezkariek; besteak beste, txalo egin zutenetako askok. Justin Trudeau lehen ministroak astelehenean esan zuen gertaturikoa «lotsagarria» zela «Kanadako Parlamentuarentzat eta kanadar guztientzat». Asteartean, Pierre Poilievre oposizio kontserbadorearen buruak Trudeau hartu zuen jomugan, Kanadari lotsa ekartzeagatik, gobernuak huts egin eta haren «informazio eta diplomazia aparatuek ez zutelako galarazi nazi bat omentzea». Su ebaki gisa etorri da, beraz, Parlamentuko buruaren dimisioa. Trudeauren taldeak argudiatu zuen ez zekitela Hunkak parte hartuko zuela ostiraleko saioan, ganberako presidenteak gonbidatu zuelako. Rotak, berriz, bere burua defendatu zuen esanez gero jaso zuela «informazio gehiago» Hunkaren inguruan, eta barkatzeko eskatu zien Kanadako eta munduko judu komunitateei. «Zibilen hilketa masiboak» Hunka orain Ukrainan dagoen Urman hirian jaio zen –orduan Polonian zegoen–, 1925. urtean. Besteak beste, poloniarrak, ukrainarrak eta juduak bizi ziren Galitzia eskualdean, eta, gerrak gorabehera, hainbat estaturen artean banatuta zegoen, eta haren eskualdeak eskuz aldatuz joan ziren. 18 urte zituenean, SSetako Galitzia Dibisioan sartzeko boluntario aurkeztu zen Hunka. Adierazi izan duenez, Sobietar Batasunaren kontra borrokatu nahi zuen, Ukrainaren independentzia ziurtatzeko. Edonola ere, alemaniarrek inbadituriko Ukrainan harien agindupean aritzeko prest agertu zen. Izan ere, Galitziako gobernadore nazi Otto Waechterrek proposatu zuen SSetako dibisio bat antolatzea Ukrainako boluntarioekin, ekialdeko frontean borrokatzeko. Heinrich Himmler III. Reicheko Barne ministro eta SSetako buruak sostengatu egin zuen, bi baldintza jarrita: bakarrik galitziarrak sartuko ziren dibisioan, «arioen antz handiagoa» zutelako, eta Galitzia izena erabiliko zuten, eta ez Ukraina, lehenengoa Austro-hungariar Inperioko terminoa zelako. Hunka Munichen (Alemania) trebatu zuten, besteak beste, eta 1944. urtean Armada Gorriaren aurka borrokatzera bidali, ekialdeko frontera. Historialari batzuk diotenez, ordurako amaituta zeuden han juduen holokaustorako operazioak. Edonola ere, ziurtzat daukate SSetako Galitzia Dibisioak herritar poloniar ugari hil zituela. Besteak beste, Huta Pieniackako sarraskia egozten diote dibisioko kideei. Hainbat herri poloniar suntsitu zituzten horretan, tartean Huta Pieniacka, 1944ko otsailaren 28an. 500 eta mila zibil artean hil zituztela kalkulatu dute. Lekukoen arabera, zibilak egurrezko korta handietan sartu zituzten, eta su eman zieten. Ihes egiten saiatzen zirenak tiroz hil zituzten. Ondorioztatu dutenez, SSetako Poliziaren 4. Erregimentuko kideek egin zuten sarraskia, eta, gero, dibisioan sartu ziren. Egun batzuk geroago, martxoaren 12an, Pidkamingo sarraskian lagundu zuen dibisioak, eta han babesa hartua zuten 2.000 herritarretatik 150-250 inguru hil zituzten, gehienak emakumeak eta haurrak. Horrez gain, dibisioko beste talde batek 365 poloniar hil zituen Palikorovi herrian, han ere emakumezkoak eta haurrak tartean zirela. Europan gerra amaitu zenean, Hunkak Erresuma Batura egin zuen alde, eta hiru urte geroago, Kanadara. Ez da ezkutuan egon han: SSetako beteranoen taldeetan aritu da lanean, eta Errusiaren inbasioaren aurkako protestetan parte hartu du. Nolatan eman diote babesa Hunkari Kanadan, eta han bizitzen utzi urte luzez? Jules Deschenes epaileak zuzenduriko ikerketa batzorde batek 1986an erabaki zuen ezin ziotela Galitzia Dibisioari talde gisa jazarri epaitegietan: banakako kideek gerra krimen jakinetan parte hartu zutela frogatu beharko zen, dibisioko kide izatea ez zelako aski arrazoi haiei jazartzeko. Nurenbergeko Auzietan ebatzi zuten SS osoa zela «erakunde kriminal» bat, baina Kanada ez zegoen Nurenbergeko Gutunaren sinatzaileen artean. Holokaustoa ikertzen duen Simon Wiesenthal Zentroko Lagunen Elkarteak, berriz, argi adierazi du Hunkaren dibisioa «zibil errugabeen hilketa masiboen erantzule» zela, eta «irudikatzerik ez den gogorkeriaz eta gaiztakeriaz» aritu zela. Kanadako Parlamentuko eskandaluak beste fronte bat zabaldu dio Hunkari. Przemysl‚aw Czarnek Poloniako Hezkuntza ministroak adierazi du urratsak egiten ari direla Hunka Poloniara estradita dezaten.
2023-9-27
https://www.berria.eus/albisteak/233301/mixel-oronoz-euskaltzalea-zendu-da.htm
Gizartea
Mixel Oronoz euskaltzalea zendu da
Euskal Konfederazioko lehendakari eta bozeramaile izan zen urteetan. 88 urte zituen.
Mixel Oronoz euskaltzalea zendu da. Euskal Konfederazioko lehendakari eta bozeramaile izan zen urteetan. 88 urte zituen.
«Euskararen aldeko militante akiezina joan zaigu». Horrela jakinarazi du Euskal Konfederazioak Mixel Oronoz euskaltzalearen heriotza. Izan ere, Ipar Euskal Herriko euskalgintzaren buru izan zen urteetan, eta hark eraman zuen euskararen aldeko aldarrikapenen ahotsa. Pizkunde mugimenduaren ondotik agertu zen Euskal Konfederazioa, eta haren sorreran parte hartu zuen Oronozek. Lehendakari bilakatu zen 2000. urtetik 2002ra, eta kargu hori atxiki zuen 2009tik 2015era ere.«Lehendakari gisa edo bulegoko kide gisa, 1995etik Mixel beti hor izan dugu Euskal Konfederazioan gogoetak elikatzeko, bilkuretan parte hartzeko eta, nola ez, Euskal Konfederazioa ekitaldi eta manifestaldi desberdinetan ordezkatzeko». Urteetan egin duen lana aitortu eta doluminak helarazi dizkie Konfederazioak Oronozen familiari eta hurbilekoei. EH Baik ere omendu du Oronoz X –lehengo Twitter– sare sozialean emandako mezu batean. «Zure eredua oroituz, Euskal Herri euskalduna eraikitzeko lanean segituko dugu». Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak Euskal Konfederazioarekin egindako agerraldi baten argazki zabaldu du, Oronoz eledun zela: «Hi gabe segituko dugu abiatutako bidea». Sebastien Castet Euskal Konfederazioko kideak «beti prest» zen kide baten gisa oroitu du Oronoz. Duela hamasei urte sartu zen bera Konfederazioan, eta, orduko, jadanik bigarren lehendakaritza aldia zuen Oronozek.«Beti hor genuen zuzendaritza guzietan, osasun aldetik ahultzen hasi zelarik ere hor segitzen zuen, eta gauzak hurbiletik segitzen zituen». Gogoan izan ditu haren ekarpenak: Euskal Konfederazioa hastapenean «ahul» zenean, «atxiki» zuela, eta «gorantza tiratzeko jendea bere inguruan eta Euskal Konfederazioaren proiektuen inguruan» biltzeko gai izan zela. Oronoz 1935ean sortu zen, Baigorrin, eta 1960an apaiztu zen, Baionan. Ondoren, sei urtez aritu zen apaiz, Boli Kostan. Baionara itzultzean, Baionako apezpikuaren zerbitzuko egon zen, Baionako katedralean. Afrikara itzultzea eskatu zuen, baina Belgikara igorri zuen Elizak, 1969tik 1971ra. Teologia ikasketekin segitu zuen han. Geroztik, irakasle gisa aritu izan zen, Istanbulen, Bordelen eta abarretan. Ez zituen Elizarekiko loturak atxiki. Alderantziz, kritika zorrotzak plazaratu zituen, eta elizaren baitan euskararen edota zenbait joeraren zokoratzea kritikatu. Marc Aillet Baionako apezpikuari buruz ere gogor mintzatu zen behin baino gehiagotan. Euskal Herrian euskal kulturaren munduari atxiki zitzaion nagusiki. Lauburu elkartean eta Euskal Konfederazioan aritu zen, eta Herria aldizkariko Administrazio Kontseiluko kidea ere izan zen. Ipar Euskal Herrirako egitura politiko baten aldeko lanean aritzen den Batera plataformaren partaidea ere izan zen. S kalonjearen testamentua, Bazterketa eliza katolikoan (1954-2008) izeneko liburuaren harira elkarrizketa egin zion BERRIAk 2009. urtean. Erretreta hartua zuen ordurako, eta Baionan bizi zen. Organoa jotzen zuen Baigorriko elian. «Hori da Elizaren hierarkiarekin atxikitzen dudan harreman bakarra, organoa jotzea otoitz egiteko molde bat baita niretzako», zioen, ironiaz. Elkarrizketan, honela zioen, besteak beste, homosexualitateari buruz: «Homosexualak ez dira Vatikanoaren gustukoak. Haren iritziz, ez omen dira gizonak, ez emazteak. Samin handia eragiten du Elizaren jarrera horrek nigan. Hierarkiaren itsukeriaren edo jarrera hertsiaren adibide mingarria da. Gero eta kontserbatzaileagoa da, eta erauzi du pentsatzeko askatasuna. Molde hertsi horiek hautsi behar dira zerbait berri kausitzeko». 2020an, arrangura agertu zuen Eliza hartzen ari zen eskuin muturrerako norabideari buruz. «Iraultza behar da apezeria osoan. Apezen kasta leherrarazi behar da», adierazi zuen BERRIAn.
2023-9-27
https://www.berria.eus/albisteak/233302/athleticek-berdindu-egin-du-getaferen-aurka.htm
Kirola
Athleticek berdindu egin du Getaferen aurka
Lehen zati ona egin dute etxekoek, eta 1-0 jarri dira laster. Baina Sancetek txartel gorria jaso du, eta erabat aldatu da partida. Azkenean 2-2 bukatu dute, eta garaipenen bolada moztu zaie zuri-gorriei
Athleticek berdindu egin du Getaferen aurka. Lehen zati ona egin dute etxekoek, eta 1-0 jarri dira laster. Baina Sancetek txartel gorria jaso du, eta erabat aldatu da partida. Azkenean 2-2 bukatu dute, eta garaipenen bolada moztu zaie zuri-gorriei
Ernesto Valverdek neurketa «gogorra eta zaila» aurreikusten zuen partidaren atarian, eta guztiz asmatu du teknikari zuri-gorriak. Zailtasun horri aurre egiteko, konfiantzazko hamaikakoa zelairatu du berriro ere. Aldaketa ugari espero ziren talde zuri-gorriaren lerroetan, batez ere, Anoetan larunbatean jokatuko duten euskal derbiak behartuta. Baina Valverdek ustekabea eman du, eta Alavesen aurka jokatu zuten hamaikakoa kalkatu du. Horrela, modu nabarmenean funtzionatzen ari zaion taldeari jarraipena eman nahi izan dio. Aldaketa bakarra, Iñigo Ruiz de Galarretaren lesioak behartua izan da, eta Ander Herrera zelairatu du Valverdek. Partidak ez du esperotako bidetik ekin. Getafek, 11 gol jaso ditu ligako lehen jardunaldietan, eta defentsa lehenetsiko zuela ematen bazuen ere, lehen minutuak Athleticen zelaian egin ditu. Lerroak elkartu, eta aurkariaren zelaian presio altua sartu du. Jose Bordalasek talde erdia aldatu du Realaren aurkako partidarekin alderatuta, eta eta jarraipena eman dio lauko defentsari. Athleticek ere ohiko egiturarekin jarraitu du, baina lehen minutuetako bizkortasun hori ez du erakutsi, eta Getaferen mendean aritu da hasieran. Baina bosgarren minutuan dena aldatu da. Area ertzeko falta batean, Berenguerrek motzean jokatu du Yurirekin, eta zarauztarrak bortitz jo du baloia lehen zutoinetik sartzeko. David Soria atezainak geldiketa saiakera egin du, baina eskuetatik alde egin dio jaurtiketa gogorrak. Athleticek baloia bereganatu, eta partidaren gidaritzarekin egin da. Valverderenak, baloia alde batetik bestera mugitu dute, arerioaren lerroen artean zirrikituren bat aurkitu nahian. Jokaldia argi zuten zuri-gorriek: Barrutik jokatu, hegaletan amaitzeko. Eta joko horretan, Ander Herrerak egin du distira. Oso gutxi jokatu du denboraldi hasiera honetan, eta gaur, Galarreta bikain ordezkatu dezakeela erakutsi du. Getafek bestetik, plan bera jarraitu du, eta kontraerasoetan jarri ditu bere ahaleginak. Halere, ez du zalantzarik eragin etxeko taldearen defentsa lerroan. Lehen zatia amaitzear zela, Athleticen eraso bateko baloi batek, boteka amaitu du Getaferen area kanpoan. Oihan Sancet joan da aren bila. Jauzi handia egin du eta hanka luzatuz baloia ukitu du. Baina Diego Ricok ere baloi hori jokatu nahi izan du, buruz, eta Sanceten hankak bera jo du. Jokaldi benetan arriskutsua izan da, eta txartel gorria eraman du iruindarrak. Larunbateko derbia galduko du. Bigarren zatian partida apurtu da Hamar jokalarirekin, Athleticek lehen zatiko nagusitasuna galdu du, eta segituan jaso du berdinketaren gola. 50.minutuan, korner jaurtiketa batean, Gaston Alvarezek buruz errematatu du erdiraketa, eta Iñaki Williamsek ukituta atea barruan amaitu du baloiak. Baloiaren jabetza Getafek zuen, baina Athleticek astroak lerrokatzen diren jokaldi horietako bat izan du 62.minutuan, eta berriro aurretik jarri da. Yeray Alvarezek luzean jokatu du De Marcosekin, eta honek Iñaki Williams aurkitu du area ertzean. Williamsek maniobra harrigarri batekin, ezkerrez jaurtiketa bikaina egin du ate barrura. Williamsek, denboraldi hasiera honetan hagaxka magikoaz ukitua dagoela berretsi du. Ondo eutsi du ondoren Athleticek, amorru guztiz jokatzen, eta Getaferi beldurra sartuz hainbat jokaldietan. Baina fisikoki beherakada ematen hasi dira etxekoak, eta alboko erdiraketa batean Latasaren gola iritsi da, buruz. 83.minutuan izan da hori, eta Getafek jada erasoko jokalari guztiak zelaian zituen. Partida guztiz apurtua zegoen dagoeneko, eta tentsio handiko minutuak iritsi dira. Getafek dena eman du garaipena lortzeko, eta Athletic-i ez zaio eustea besterik geratu. Luzapenean, Bordalasek txartel gorria jaso du, eta iskanbila sortu da kanpoko taldearen aulkiaren inguruan. Azkenean, berdinketa. Getafe garaitzea lan handia izaten ari da Athleticentzat azken urteetan. Hain zuzen ere, elkarren aurka jokatu dituzten azken 13 partidatik bakarra irabazi dute zuri-gorriek (2021), eta Bordalasen talde mardulak bereziki kostatzen zaizkio Bilboko taldeari. Athleticek goiko postuetan jarraitzen du hamalau punturekin, baina garaipenen bolada moztu zaio.
2023-9-28
https://www.berria.eus/albisteak/233303/realak-sasoiko-lehen-garaipena-lortu-du-etxetik-kanpo.htm
Kirola
Realak sasoiko lehen garaipena lortu du etxetik kanpo
Lehen zati amaieratik jokalari bat gehiagorekin jokatu arren, ez dute partida ona jokatu. Baina hiru puntuak eskuratu dituzte, 32. minutuan Carlos Fernandezek sartutako gol bati esker.
Realak sasoiko lehen garaipena lortu du etxetik kanpo. Lehen zati amaieratik jokalari bat gehiagorekin jokatu arren, ez dute partida ona jokatu. Baina hiru puntuak eskuratu dituzte, 32. minutuan Carlos Fernandezek sartutako gol bati esker.
Realak bi garaipen kateatu ditu lehen aldiz denboraldi honetan. Txuri-urdinek aurreneko partida irabazi dute Anoetatik urrun. Valentziaren aurka izan da, 0-1. Imanolek, Getaferen aurka 4-3 irabazi ostean, esan zuen atzean ezin zutela hainbeste erraztasun eman, eta gogoratu zuen aurreko sasoian garaipen gehienak 1-0ekoarekin izan zirela. Oraingoan ere hala izan da, baina, orduan ez bezala, txuri-urdinek neurketa grisa egin dute. Lehen zatiaren amaieratik jokalari bat gehiagorekin jokatu du Realak, baina ez du nagusitasun hori baliatu ahal izan aurretik lortutako aldea handitzeko, eta neurketako azken minutuetan hortzak estutu behar izan ditu. Txuri-urdinen golegilea Carlos Fernandez izan da, 32. minutuan. Hori eta garaipena izan dira albisterik onena, aurrelariak behar baitzuen gola sartzea. Larunbatean hirugarren garaipena segidan kateatzen ahalegindu dira Athleticen aurkako derbian. Imanolek iragarri zuen aukera zegoela txandakatzeak egiteko, eta hala egin du, aurretik taldeak duen egutegi betea kontuan hartuta. Getaferen aurkako partidarekin alderatuz, hasieratik aritu dira Pacheco, Elustondo, Tierney, Merino Oiartzabal, Carlos Fernandez eta Cho. Realak bosgarren minutuan izan du lehen gerturatze arriskutsua Valentziaren areara. Chok buruz buruko jokaldi on bat egin du, baina haren erdiraketa ez du errematatzerik izan Carlos Fernandezek. Ondo aurkitu du hutsunea, baina hanka sartzea falta izan zaio. Valentziak Realari utzi dio baloia, kontraerasoa baliatu nahian, eta 11. minutuan aurretik jartzeko abagunea izan du, Javi Gerraren erremate on bati esker. Baina ez du lortu. Hurrengo minutuak parekatuak izan dira. Ez talde batek, ez besteak ere ez du partidaren aginte makila lortzerik izan. Baina Valentzia erosoago zegoen, eta beste gol aukera argi bat izan du. Hugo Durok errematea egin du buruz, eta eskua aterata modu ikusgarrian gelditu du baloia Remirok. Valentziak izan du baloia hortik aurrera, eta jabetza gabe Realak sufritu egin du, ezin baitzuen bere ohiko joko bizia egin. Partida grisa egin du. Baina zer den futbola: handik gutxira iritsi da txuri-urdinen gola. Carlos Fernandezek sartu du, 32. minutuan. Chori falta egin diote, Tierney bizkor ibili da baloia ateratzen, eta sakon eman dio aurrelariari. Hark atzean utzi du Diakhaby, eta erremate on batekin sarera bidali du baloia. Hortik aurrera Valentziak arazo gehiago izan ditu. Jokoa nahastu egin da, etxekoek pare bat sarrera itsusi egin baitituzte. Azkenean epaileak gorria atera dio Amallahri 45. minutuan, Oiartzabali ukondoarekin aurpegian eman ostean. Nabarmenago jarri da norgehiagoka Realaren alde. Bigarren zatia hasi eta berehala, Imanolek Odriozola eta Zubimendi zelairatu ditu Traoreren eta Urko Gonzalez de Zarateren ordez. Bat gehiagorekin Realak partidaren bila joan behar zuen, baina ez du abantaila hori baliatzen jakin. Ia ez da Valentziaren atera gerturatu bigarren zati horretan. Eta 0-1ekoa beti da emaitza arriskutsua, edozein unetan aurkariak berdindu egin baitezake partida. Arriskua egiteko ahaleginak eskuinetik egin ditu batez ere, Odriozolaren eta Merinoren bidez. Valentzia, berriz, minutuak aurrera joan ahala geldikako jokaldien bidez ahalegindu da min egiten. Partidako berririk txarrena Tierneyk min hartu izana izan da. Aihen Muñozek ordezkatu du, eta litekeena da ezker hegalekoak giharretako hausturaren bat izatea. Partidako azken zatian, Valentziak atzean sartu du Reala, eta txuri-urdinek hortzak estutu behar izan dituzte. Etxekoek gertu izan dute gola, baloi irteeran Remirok egindako akats baten ostean. Baloia oinean utzi dio Javi Gerrari, eta haren errematea gutxigatik joan da kanpora. Azken minutuetan buruarekin baino gehiago bihotzarekin ahalegindu da Valentzia gola sartzen, indarrak agortu egin baitzaizkio. Azkenerako, txuri-urdinak hiru punturekin itzuli dira etxera.
2023-9-28
https://www.berria.eus/albisteak/233338/errepublika-desegiteko-dekretua-sinatu-dute-karabakh-garaiko-agintariek.htm
Mundua
Errepublika desegiteko dekretua sinatu dute Karabakh Garaiko agintariek
«Estatuaren menpeko organoek» bertan behera gelditu beharko dute 2024ko urtarrilaren 1a baino lehen. Paxinian Armeniako lehen ministroak eskatu dio nazioarteari «urrats zehatzak» egiteko.
Errepublika desegiteko dekretua sinatu dute Karabakh Garaiko agintariek. «Estatuaren menpeko organoek» bertan behera gelditu beharko dute 2024ko urtarrilaren 1a baino lehen. Paxinian Armeniako lehen ministroak eskatu dio nazioarteari «urrats zehatzak» egiteko.
Azerbaijan indartsuagoa da militarki, eta ez Errusiak, ez Mendebaldeko herrialdeek ez diote Armeniari lagundu. Horrenbestez, Karabakh Garaiko errepublika desegitea erabaki dute hango agintariek. Samvel Xahramanian presidenteak dekretu batean nabarmendu duenez, «estatuaren menpeko organoek» bertan behera gelditu beharko dute 2024ko urtarrilaren 1a baino lehen. Armeniako hedabideek jaso dute testua, eta, haren arabera, egoera politikoa «larria» delako eta Karabakh Garaiko herritarren —gehienak, armeniarrak— «segurtasuna bermatzea» lehentasuntzat daukatelako egin dute hautua. Duela hiru hamarkada Sobietar Batasuna desegin zenetik izan da Azerbaijan barruko errepublika independente bat de facto, nahiz eta nazioarteak ez duen aitortu. Irailaren 19an eremu horren kontra hasitako bonbardaketa eteteko Azerbaijanek mahai gainean jarri zituen baldintzetako bat bete du, horrenbestez, Karabakh Garaiak. Izan ere, 1991ko independentzia eta errepublika aldarrikapena bertan behera uztea eta Azerbaijanen parte dela onartzea izan zen Bakuren eskaeretako bat operazio militarra amaitzeko. Hurrengo egunean, irailaren 20an, sinatu zuten menia bi aldeek, eta ordutik 65.000 bat armeniarrek ihes egin dute handik, eta Armeniara iritsi dira; hau da, populazioaren erdiak baino apur bat gehiagok alde egin du, Erevanek emandako azken datuak kontuan hartuta. Eta, horrekin lotuta, dekretuan azpimarratu dute Karabakh Garaian jarraitzeko asmoa dutenek Azerbaijanek planteatutako «berregokitzeko baldintzak barneratu» beharko dituztela eta erabaki bat hartu beharko dutela: edo han jarraitu edo alde egin. Bakuk ez du adierazi, ordea, zeintzuk diren baldintza horiek. Erevanek ohartarazi du «garbiketa etnikoa» jasateko arriskua dutela han geratuko diren armeniarrek. Azerbaijango Gobernuak ukatu egiten du. Gaur, baina, ebazpen esanguratsu bat kaleratu du Bakuko auzitegi batek: «terrorismoa» finantzatzea, legez kanpoko talde armatuak sortzea eta Azerbaijango muga legez kanpo zeharkatzea egotzi dio 2002tik aurtengo otsailera arte Karabakh Garaiko lehen ministro izandakoari, Ruben Vardaniani. Lau hilabeteko behin-behineko atxiloaldia ezarri diote, eta 20 urteko kartzela zigorra jar diezaiokete delitu horiengatik. Eta, egoera aintzat hartuta, Armeniako hedabideek gaur jaso dute Nikol Paxinian herrialdeko lehen ministroak esan diela gobernukideei «garrantzitsua» dela nazioarteak Azerbaijanen jarrera gaitzestea; hori bai, «urrats zehatzak» egin beharko lituzkeelakoan dago. Nazioarteak, oro har, armeniarren giza eskubideak errespetatzera deitu du Ilham Aliyev Azerbaijango presidentea, baina garbiketa etniko batez mintzatzea saihestu du. Hain zuzen, Paxinian eta Aliyev datorren ostegunean, urriaren 5ean, dira biltzekoak, Granadan (Espainia), definitzen hasteko zer-nolakoa izango den etorkizunean bi herrialdeen arteko harremana. Armeniako oposizioa egunero ari da protestak egiten Paxinian kargugabetua izan dadin. Errusia, haserre Karabakh Garaitik Armeniara iristen ari diren herritarrei harrera egitea du lehentasun gobernuak, Paxinianen esanetan. Kabineteak esan du, bide batez, desplazatu gehienek etxe bat dutela Armenian, edo hartuko dituzten senideak. Gainerakoak aterpetxeetara, hoteletara edo ostatu emateko egokitutako eraikinetara bideratu dituzte. Bestalde, datorren urriaren 3an, asteartearekin, Armeniako Parlamentuan eztabaidatuko dute ea Erromako Estatutua berresten duten ala ez; hau da, ea herrialdea Nazioarteko Zigor Auzitegiaren jurisdikziopean egongo den ala ez. Eta Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovek gaur nabarmendu du Armeniak «etsaikeria» plazaratuko lukeela estatutua berretsiko balu. Kremlineko burua atxilotzeko agindua emanda dauka Hagak, gerra krimenak egotzita. Gaiztotuta dago Erevanen eta Bakuren arteko erlazioa. Moskuren orbitapeko herrialde bat izan da Armenia Sobietar Batasuna desegin zenetik, baina Ukrainako gerrak eragindako testuinguru sozioekonomikoak bultzatu du Errusia Azerbaijanekin loturak estutzera. Armeniak igarri egin du, eta duela bi aste pasa aurrenekoz egin zituen maniobra militarrak AEBekin. KRONOLOGIA 1923. Karabakh Garaiko probintzia autonomoa sortu zen Azerbaijango Sobietar Errepublika Sozialistaren barrenean. 1987. Karabakh Garaiko armeniarrek dozenaka mila sinadura bidali zituzten Moskura, probintzia Armeniako Sobietar Errepublika Sozialistan sartzeko. 1988. Manifestazioak ugaritu ondoren, Karabakh Garaiko Sobietak Moskuri eskatu zion Armenian sartzeko. Moskuk eskaera ukatu, eta lehenbiziko borrokak piztu ziren azeriarren eta armeniarren artean. 1991. Azerbaijanek autonomia kendu zion Karabakh Garaiari, eta gehiengo armeniarrak independentzia aldarrikatu zuen erreferendum bidez. Gerra hasi zen. 1994. Errusiaren bitartekaritzarekin, Azerbaijanek su etena sinatu zuen Armeniarekin eta Karabakh Garaiarekin. Karabakh Garaia independente bihurtu zen de facto. 2016. Gerraz geroztiko borroka gogorrenak piztu ziren apirilean. Hilabetean, bi aldeetako ehundik goiti lagun hil zituzten. 2020. Irailaren 27an gerra piztu zen berriro, eta 44 egun iraun zuen, azaroaren 10era arte. Egun horretan su etena sinatu zuten Armeniak, Azerbaijanek eta Errusiak. Armeniak lehenengo gerran eskuratutako zenbait eskualde berreskuratu zituen Azerbaijanek. 5.600 bat pertsona hil ziren gatazkaren ondorioz. Bi aldeetako hildako kopurua antzekoa izan zen; gehien-gehienak, militarrak. 2023. Azerbaijanek operazio militar bat hasi zuen irailaren 19an. 200 bat hildako eragin zituen; gehienak, militarrak. Hurrengo egunean, su etena adostearen truke, Karabakh Garaiak men egin zien Azerbaijanen eskakizunei. Errepublikan bizi ziren armeniarren erdiek baino gehiagok ihes egin dute.
2023-9-28
https://www.berria.eus/albisteak/233339/kontuen-ganberak-ebatzi-duenez-laquoosasunbidea-ez-da-betetzen-ari-pazienteak-artatzeko-epeakraquo.htm
Gizartea
Kontuen Ganberak ebatzi duenez, «Osasunbidea ez da betetzen ari pazienteak artatzeko epeak»
Itxaron zerrendei buruzko txostena argitaratu du Nafarroako Kontuen Ganberak. Ondorioztatu du %29 handitu zirela 2018 eta 2022 bitartean.
Kontuen Ganberak ebatzi duenez, «Osasunbidea ez da betetzen ari pazienteak artatzeko epeak». Itxaron zerrendei buruzko txostena argitaratu du Nafarroako Kontuen Ganberak. Ondorioztatu du %29 handitu zirela 2018 eta 2022 bitartean.
Azken bost urteotan, %29 handitu dira itxaron zerrendak Nafarroan. Horri buruzko txostena argitaratu du Nafarroako Kontuen Ganberak, eta azaldu du itxaron zerrendak handitzeko arrazoiak, besteak beste, hiru izan direla: %2 handitu dela Osasunbideko pazienteen kopurua, 64 urte baino gehiagoko pertsonak 2018an baino %7 gehiago direla, eta COVID-19aren pandemiak osasun larrialdia eragin duela. Faktore horiez gain, «okerrak» atzeman ditu Osasunbideak eginiko kudeaketan: «Ez dira betetzen ari pazienteak artatzeko epeak». Esaterako, nabarmendu du berrikuspen kontsulten itxaron zerrenda «adierazgarria» dela, eta horrek beste jarduera batzuen itxaron zerrendei zuzenean eragiten diela. Zehazki, 2018tik eta 2022ra arte zerrendek izandako bilakaera eta kudeaketa aztertu ditu Kontuen Ganberak, eta, horrez gain, beste bi konturi erreparatu die: zerrendak laburtzeko neurriei eta horien kudeaketarako erabiltzen den informazio sistemari. Txostenaren arabera, 240.000 erregistro zeuden itxaron zerrendetan iazko amaieran. Hala ere, zehaztu dute zenbateko hori ez dagokiola paziente kopuruari, «paziente asko itxaron zerrenda bat baino gehiagotan baitaude». 240.000 erregistro horietatik, %64 berrikuspen kontsultak dira: %25 lehen kontsultak, %8 diagnostikoak eta %3 ebakuntzak. Horien artean, lehen kontsulten itxaron zerrendaren igoera nabarmendu du ganberak: 2018an 33.000 erregistro zeuden; 2022ko amaieran, berriz, ia 60.000. Berrikuspen kontsulten itxaron zerrenda ere handitu egin da, baina ez hainbeste: 136.000tik 156.000ra. Diagnostiko probak 12.000tik 18.000ra igo dira. Ebakuntzei dagokienez, itxaron zerrendak ez dira handitu. 2022ko amaieran, 8.200 erregistro zeuden. Datu zehatzagoei erreparatuta, Kontuen Ganberak neurtu ahal izan du Nafarroako osasun eremu bakoitzean —Iruñea, Lizarra eta Tutera— zenbat egunez itxaron behar izan zuten pazienteek, batez beste, iaz. Iruñean 133 egunez itxaron behar izan zuten iaz kardiologo batekin lehen kontsulta izateko —2018an, 43 egunekoa zen itxaronaldia—, eta Lizarran, 244 egun dermatologoarekin lehen kontsulta izateko —2018an, 37 egun itxaron behar izaten zituzten—. Tuteran, 209 egunez itxaron behar dute errehabilitazio sailean lehen kontsulta izateko. Ebakuntza traumatologiko bat egiteko, batez beste 132 egunez egon behar izan zuten zain pazienteek iaz Lizarran, eta ebakuntza oftalmologiko bat egiteko, berriz, 55 egunez Iruñean. Inbertsioa Azken bost urteotan, Osasunbideak 21,3 milioi euro gastatu ditu itxaron zerrendak gutxitzeko. Horietatik %39 langileriaren kontratazioan (8,5 milioi 700 kontratutan); %31 aparteko orduetan; eta gainerako %30 (sei milioi) Opus Deiren Nafarroako Unibertsitate Klinikara bideratutako kasuetan gastatu da. Hauek dira osasun zentro horretara bideratutako lanak: 3.700 kontsulta (655.000 euro); 12.000 diagnostiko probak 1,4 milioi); eta 2.730 ebakuntza (4,4 milioi). Hala ere, Kontuen Ganberak ohartarazi du lehen arretako itxaron zerrendak laburtzeko egindako inbertsio ekonomikoak horiek «puntualki» murriztu baino ez duela eragin, eta, are, espezialitateetako arretaren itxaron zerrendak handitzea ere eragin duela. Arreta unitateen lanari dagokionez, Kontuen Ganberak adierazi du hango profesionalek «lan zama handia» dutela, «zerrendak kudeatzeko prozedura ez betetzeak baldintzatua». Izan ere, adierazi du pazienteen eta osasun eremuen arteko ekitatea ez dela betetzen ari, itxaron zerrenden iraupena desberdina delako eremu batetik bestera. Arrazoia identifikatu du Kontuen Ganberak: «Era independentean jarduten duten hiru osasun eremu daude, eta haien kudeaketa eta baliabideak ez daude koordinatuta». Gainera, nabarmendu du pazienteen arteko berdintasun printzipioa ere ez dela errespetatzen batzuetan: «Itxaron zerrendak kudeatzen dituzten sistema informatikoek baimentzen dute pazienteei deitzean antzinatasun eta lehentasun printzipioak bete gabe hitzorduak ematea, horiek arrazoitu gabe». Hitzordu horiek arrazoi klinikoengatik justifikatuta egon daitezkeen arren, Kontuen Ganberak uste du horiek ez arrazoitzeak ez duela errespetatzen pazienteen arteko berdintasun printzipioa: «Kontuen Ganberak ezin du egiaztatu printzipio horiek bermaturik daudenik». 35.000 kexa Nafarroako fiskalizazio erakundeak ondorioztatu du Osasunbidea «ez dela betetzen ari pazienteak artatzeko epeak, batez ere kontsultetan». Horren ondorioa da kexa ugari izatea: «Iaz, Osasunbideak 35.000 kexa baino gehiago jaso zituen. Horietatik %51 berrikuspen kontsultei dagozkie; %9, diagnostiko probei, eta %5, ebakuntzei». Txostenak gomendio batzuk ere eman ditu itxaron zerrenden kudeaketa hobetzeko. «Hasteko, zerrenden handitzearen atzean dauden arrazoiak ongi aztertu behar dira, ondoren dauden baliabideak kontuan hartuz planifikazio eta kudeaketa hobetzeko. Hiru osasun eremuen arteko koordinazioa bultzatzeko ere eskatzen du, baliabideak modu integratuan kudeatzeko. Horren helburua da eremu eta espezialitateetan dagoen itxaron denboraren arteko aldea gutxitzea. Bestalde, antzinatasun eta lehentasun printzipioak betetzen ez direnean, informazio sistemak horren arrazoia jasota utzi beharko luke».
2023-9-28
https://www.berria.eus/albisteak/233340/inflazioak-gora-egin-du-irailean-energiak-garestitu-izanaren-ondorioz.htm
Ekonomia
Inflazioak gora egin du irailean, energiak garestitu izanaren ondorioz
Espainian bederatzi hamarren igo da, %3,5eraino. Hego Euskal Herriko datua hilaren erdialdean emango du INEk.
Inflazioak gora egin du irailean, energiak garestitu izanaren ondorioz. Espainian bederatzi hamarren igo da, %3,5eraino. Hego Euskal Herriko datua hilaren erdialdean emango du INEk.
Lanera itzultzea gogorra izaten ari da. Iraila %3,5eko inflazioarekin amaitu zen Espainian, INE estatistika erakundeak ostegun honetan argitaratutako datu aurreratuaren arabera. Abuztuan baino bederatzi hamarren handiagoa da, eta ekainetik hirugarren igoera da jarraian. Orduan, %1,9koa izan zen; 2022ko ekainetik hilabete bakarrean erregistratutako hazkunderik handiena. Eta mailarik altuenean dago apiriletik; % 4,1era heldu zen orduan. Alde positiboan, azpiko inflazioa, elikagai ez-elaboratuak eta produktu energetikoak kanpo uzten dituena. Irailean % 5,8koa izan zen, abuztuan baino hiru hamarren gutxiago, eta txikiena 2022ko ekainetik; % 5,5ekoa izan zen. KPIa elektrizitatearen prezioa igo izanaren ondorioz igo da, duela urtebete jaitsi egin baitzen, eta, neurri txikiagoan, erregaiak garestitu izanaren ondorioz. Elikagai batzuen prezioen igoeragatik ere gertatu da, batez ere oliba olioagatik, lehorteak nabarmen murriztu baitu haren produkzioa. Datua aurreratua denez, estatistikak ez du produktu eta sektorekako xehetasunik ematen. INEk hilaren erdialdean emango ditu datu horiek eta Hego Euskal Herriko KPIa. Adituek ohartarazi dutenez, datu horiek adierazi dezakete igoera datozen hilabeteetan gertatuko dela. Espainiako Gobernuak energiarako laguntzak kentzea aurreikusten du, eta gasaren eskaria ere gora egiten ari da, neguaren etorreraren ondorioz.
2023-9-28
https://www.berria.eus/albisteak/233341/sarek-salatu-du-zelaiaren-eta-barbadoren-aurkako-auzia-lekuz-kanpo-dagoela.htm
Politika
Sarek salatu du Zelaiaren eta Barbadoren aurkako auzia lekuz kanpo dagoela
Plataformak salatu du justizia «mendeku tresna» gisa erabiltzen dela, egungo testuingurua kontuan hartu gabe.
Sarek salatu du Zelaiaren eta Barbadoren aurkako auzia lekuz kanpo dagoela. Plataformak salatu du justizia «mendeku tresna» gisa erabiltzen dela, egungo testuingurua kontuan hartu gabe.
Sare Herritarra plataformak Aitor Zelaiaren eta Galder Barbadoren aurkako ebazpena salatu du: «Galderri eta Aitorri ezarritako sententziak atzera garamatza, eta guztiz zentzugabea da salbuespeneko politika atzean uzten ari garen garaiotan». Horiek hala, bat egin du Ankerkeriari Stop taldeak larunbaterako deitutako mobilizazioarekin: Gasteizen izango da, 18:30ean, Artium museoko plazatik abiatuta. Plataformak salatu du oraindik ere «mendeku tresna» gisa erabiltzen dela justizia, ETAren behin betiko su etenaren ostean irekitako «itxaropen aroa» kontuan hartu gabe. «Urte luzez luzatu den indarkeriaren mamua betikotzeko jarrera nabaria da», salatu du, eta gehitu du horren adibide dela Zelaiaren eta Barbadoren aurkako auzia. Nabarmendu dute halako erabakiek ez dutela lekurik «espetxeen problematikari» aterabide bat emateko eta «sufrimendu guztiak amaitzeko» urratsak egiten ari diren garai batean: «Presondegiak betetzeak ez du inolako tokirik elkarbizitzarako eta bakerako bidean». Are gehiago, Sarek argudiatu du bi gazteek argi adierazi zutela «indarkeriarik gabeko estrategiarekin» bat egiten dutela, eta gehitu du epaiketan ez zela haien kontrako «froga irmorik» erakutsi. Zelaiaren eta Barbadoren aurkako prozesuak lau urte baino gehiago iraun ditu. Ertzaintzak 2019ko otsailean atxilotu zituen bi gazteak, Auzitegi Nazionaleko Maria Tardon instrukzio epaileak aginduta. Biei leporatu zieten Ertzaintzak hilabete batzuk lehenago Duran (Arrantzua-Ubarrundia, Araba) aurkitutako material lehergailuaren arduradunak izatea, eta, beraz, «armak, munizioak eta lehergailuak edukitzea, eta horiek helburu terroristekin gordetzea eta trafikatzea». Ia urte eta erdi egin zuten behin-behineko espetxealdian, epaiketaren zain. Epaiketa amaituta, launa urteko espetxe zigorrak ezarri zizkien Espainiako Auzitegi Nazionalak 2021ean. Helegitea aurkeztu zioten ebazpen hari, baina aurtengo maiatzean Auzitegi Gorenak berretsi egin zuen lehen epaia. Hala, aurreko astean espetxeratzeko agindua jaso zuten gazteek. Epaiaren eta espetxeratzeko aginduaren kontrako hainbat protesta egin dira azken urteetan, eta horiek areagotu egin dira azken egunetan. Gazteen babeserako Ankerkeriari Stop taldeak salatu izan du «Ertzaintzak kozinatutako prozesua» izan dela Barbadoren eta Zelaiaren aurkako prozesua.
2023-9-28
https://www.berria.eus/albisteak/233342/francis-lafargue-hil-da.htm
Kirola
Francis Lafargue hil da
Euskal txirrindularitzan ikur bat izan da azken hamarkadetan. Hainbat talde nazioarteko probetara eraman zituen, eta Ipar Euskal Herriko txirrindularitzaren historia idatzi zuen, Ximun Larre kazetariarekin batera. 68 urte zituen.
Francis Lafargue hil da. Euskal txirrindularitzan ikur bat izan da azken hamarkadetan. Hainbat talde nazioarteko probetara eraman zituen, eta Ipar Euskal Herriko txirrindularitzaren historia idatzi zuen, Ximun Larre kazetariarekin batera. 68 urte zituen.
Bart gauean Francis Lafargue hil da, 68 urterekin. Miarritzen jaio zen (Lapurdi), 1955ean, eta, txirrindularitzaren lehen lerroan egon ez bada ere, ikur bat izan da azken hamarkadetan kirol horretan Euskal Herrian. Nazioarteko harremanak izan ziren haren espezialitatea, eta hainbat kirol talde profesionalen harreman publikoen arduradun izan zen. «Julian Gorospek Tourreko etapa irabazi zuenean [1986an], nik gidatzen nuen autoa. Denetarik izan naiz, mekanikari eta masajista izan ezik», adierazi zion BERRIAri 2019an elkarrizketa batean. Ogibidearen gainetik, baina, txirrindularitza maite zuen, eta, aurtengo ekainean, kirol horrek Ipar Euskal Herrian izan duen bilakaera bildu zuen liburu batean, Ximun Larre kazetariarekin: l’Histoire du cyclisme du Pays Basque Nord (Ipar Euskal Herriko txirrindularitzaren historia). Miarritzeko Harausta auzoan igaro zuen haurtzaroa, eta, liburua aurkeztu zuenean azaldu zuenez, Joseph Bortayre bizikleten mekanikaria haren haurtzaroko ikurretako bat izan zen. Txirrindularitzazalea izateaz gain, errugbizalea ere bazen. Urruñan bizi zen gaur egun (Lapurdi), eta harreman estuak zituen Larresoron ere. Gertukoa zuen mugimendu abertzale eta euskaltzalea. Ikusi gehiago: Francis Lafargue: «Euskal txirrindularitzak idoloak behar ditu, baina baita morroiak ere» Jose Miguel Etxabarrik 1983an fitxatu zuen Reynolds taldearen harreman publikoak kudeatzeko, eta ezinbesteko lana egin zuen taldea nazioartera eramateko. Harreman handia zuen Jean-Marie Leblanc Frantziako Tourreko zuzendari izan zenarekin, eta haren bitartez lortu zuen Reynoldsek Tourrean aritzeko lehen gonbidapena. Haren lanak segida izan zuen Banesto, Illes Balears, Caisse d'Epargne eta Movistar Team taldeen garaian. «Abarcaren azpiegituran beti, Movistar iritsi zen arte. Ez zidaten jarraitzeko aukera eman», adierazi zion BERRIAri. Movistar taldeak atsekabea adierazi du X sare sozialean Lafargueren heriotzaren berri izan ondoren. Miguel Indurainek bost tour irabazi zituenean, Lafargue zuen prentsa arduradun, eta itzultzaile lanak egiten zituen. Horrek kudeatzen zuen ziklistaren agenda; zuhurra eta eraginkorra zela diote harekin lan egin zutenek. «Ni Pedro [Delgado] eta Miguelen [Indurain] managerra izan nintzen askotan. Kriteriumetako kontratuak-eta nik idazten nituen. Harreman publikoen karguak guztia eta ezer ez esan nahi du aldi berean», zioen. Pedro Delgadok X sare sozialean esan du gaurkoa egun tristea dela txirrindularitzarentzat: «1983an nire bizitzan gurutzatu zen Francis Lafargue, eta harrezkero elkarrekin amestu dugu, eta amets batzuk egia bihurtu dira», adierazi du Delgadok. Movistarren aritu ondoren, Muriasen aritu zen lau urtez. Erretiroa hartua zuen jada, baina azken lau urteetan Kern Pharma taldearekin kolaboratu zuen, eta Frantziako Tourrak antolatzen dituen zenbait karreratan aritzeko ateak ireki zizkion; besteak beste, Lieja-Bastogne-Lieja. Oso maitatua zen tropelean oraindik ere. «Lagun batek txirrindularitza museo txiki bat du Kanbon [Lapurdi], eta hantxe pasatuko ditut goizak», adierazi zion BERRIAri 2019ko elkarrizketan erretiroaz. Euskal txirrindularitzan aditu Frantziako Tourraren arduradunekin ere hainbatetan kolaboratu zuen, itzuli horrek Iparraldean egin behar zituen etapak antolatzeko. Euskal Herriko errepideak bikain ezagutzen zituen. Larrerekin idatzi zuen liburuan, XX. mendearen bigarren erdialdean Iparraldean desagertu diren karrerak bildu zituen. «Tokiko txirrindularitzak proba amateurren arrastoa galdu du. Gutxiago dira, eta kalitate txikiagoa dute, trafiko eta segurtasun arrazoiengatik zailagoa delako antolatzea», zioen. Euskal txirrindularitzaz galdetuta, arlo ekonomikoak gaizki ikusten zuela esan zuen 2019an, baina beste arlo batzuetan, indartsu: «Jendeak badu zaletasuna, eta afizionatu mailako lizentzia kopurua mantentzen ari da. Elitean egonkor dago, oraindik belaunaldi oso on bat dagoelako: Landa, Izagirre anaiak, Nieve... Baina ez da nahikoa. Zergatik? 20 urte inguruko gazte bat lehen pausoak ematen ari denean ia ez duelako aukerarik. Gazte horiei irteera emango dien kirol azpiegitura sendo bat behar du, hurrengo urteetan ere hor eutsiko diola ziurta dezakeena. Euskal txirrindularitzak idoloak behar ditu, baina baita morroiak ere».
2023-9-28
https://www.berria.eus/albisteak/233343/frankismoaren-biktimei-erreparazioa-emateko-legea-onartu-du-eusko-legebiltzarrak.htm
Politika
Frankismoaren biktimei erreparazioa emateko legea onartu du Eusko Legebiltzarrak
PP, Vox eta Ciudadanos ez beste guztien aldeko botoarekin onartu dute Memoria Historiko eta Demokratikoaren Legea. 1936tik 1978ra arteko biktimei eragiten die, eta, besteak beste, ikerketa talde baten lana abiaraziko du gertatutakoaren «egia finkatzeko», eta biktimei salaketak jartzea erraztuko die, aholkularitza emanez.
Frankismoaren biktimei erreparazioa emateko legea onartu du Eusko Legebiltzarrak. PP, Vox eta Ciudadanos ez beste guztien aldeko botoarekin onartu dute Memoria Historiko eta Demokratikoaren Legea. 1936tik 1978ra arteko biktimei eragiten die, eta, besteak beste, ikerketa talde baten lana abiaraziko du gertatutakoaren «egia finkatzeko», eta biktimei salaketak jartzea erraztuko die, aholkularitza emanez.
Diktadura frankistaren azken urteetako gidariek abiarazitako alderdiak ez beste guztiek onartu dute Memoria Historiko eta Demokratikoaren legea Eusko Legebiltzarrean. Halaber, 36ko gerraren eta diktaduraren biktimen erreparaziorako legearen aurka bozkatu du PPren banaketa batetik sortutako Voxen ordezkari bakarrak eta desagertzeko bidean den Ciudadanoseko bakarrak; baina, hala ere, 71 legebiltzarkideetatik 64k eman diote baiezkoa legeari, EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos-IUkoek; lau falta ziren ganberan. Hala, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, beste urrats bat egin dute 1936tik 1978ra arteko biktimen memoriaren erreparaziorako politika publikoek, eta ganberan gonbidatu gisa zeuden memoriaren aldeko taldeetako kideek txalo zaparradarekin eskertu dute onarpen hori. 36ko gerra, haren osteko diktadura eta trantsizioaren zati bat hartzen du legeak, Espainiako Konstituzioa abiatu arte. Haren helburua da memoria historikorako politika publikoak arautzea, sustatzeko «erreparazio morala, memoria pertsonala, familiarena eta soziala, arrazoi politiko, sindikal, ideologiko edota sinesmen erlijiosoengatiko jazarpena edota indarkeria» jasan zutenen artean. Azken finean, gaur arte alor horretan egindako lana sendotu eta areagotu egiten du lege berriak, askotariko egitasmoak legez babestuz. EAJko legebiltzarkide Joseba Diezek —gaur izan du azken eguna legebiltzarkide gisa— esan du «batzuk beti» egon direla «demokraziaren alde, historiaren alde onean», eta horri esker iritsi dela gaurko «lege garrantzitsua». Nabarmendu egin du orain arte memoria historikoan egin den lan handia, Aranzadi eta Gogora institutua aipatuz, eta esplikatu du lege berriak «beste esparru juridiko bat» emango diola lan horri, aurrerantzean ere egin dadin, «segurtasun handiagoz». PPri, Voxi eta Ciudadanosi ohartarazi die «beste biktima batzuei buruz hitz egiteak» ez duela zertan ekarri «biktima batzuen ahaztura». Aurretik etengabe kontrajarri batiiuzte alderdi horietako ordezkariek ETAren biktimak eta 1936tik 1978ra arteko frankismoarenak, ziurtatuz ETArenak «ahaztu» eta, areago, «ezkutatu» egin dituela legeak. «Ez da inoren aurkako lege bat», esan du EAJko kideak. Biktimei egia, aitortza eta erreparazioa emateko legea dela azaldu du, «gizartearen aldekoa». Eta helburu horiek lortzeko «ikertu» egin behar dela erantsi du, «memoria ere gizartearen eskubide bat delako». PPko Barriori esan dio frankismoa gaitzestea ez dela nahikoa, «pedagogia» egin behar dela, indarkeria horri «zilegitasuna kentzeko». EH Bilduren eta Elkarrekin Podemos-IUren zuzenketekin Legeak jasotako babes handiak lotura zuzena du hark biltzen dituen edukiekin. Lege proiektua duela bi urte baino gehiago onartu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek egindako zuzenketak onartu zituen ganberak tramitazio epe luze horren barruan, aurten. Koalizio abertzalearen ekarpenez, lantalde zientifiko bat sortuko dute, 1936tik 1978ra bitartean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gertatu ziren giza eskubideen urraketak ikertzeko. Julen Arzuaga koalizioko legebiltzarkideak gogoratu du «administrazioaren zerbitzu juridikoen ekarpenari» erreparatzen diola legeak, frankismoaren biktimek epaitegietara jo dezaten. Izan ere, Gogora institutuak laguntza juridikorako baliabideak eskainiko dizkiete biktimei, auzitegietan kereilak tramitatzeko, hala nahi badute. «Argentinan ireki zen bidea ireki dadila hemen ere», eskatu du Arzuagak. Horrez gain, «artxibategiak zabaltzera» deitu du, «egia finkatu ahal izateko». PPri buruz, berriz, esan du «mozorroak kendu» dituela ezezkora jota. «Frankismoaren oinordeko politikoak zarete», esan dio Carnelo Barrio diputatuari, hark alderdiaren posizioa azaldu ondoren. Aurpegiratu dio PPren arazoa ez direla «ETAren biktimak», baizik eta «bide bazterretan jarraitzen duten biktimak», eta abisua eman dio: krimen horien erantzuleak epaitegietan bukatuko ei dute, eta «zigorturik ere bai». «Ez etorri gero amnistia eskatuz haientzat», erantsi du. Ez bakarrik hildakoak Memoria Historikoaren Legeak nortzuk jotzen ditu biktima gisa? Bada, bonbardaketetan hildakoak, epaiketaz besteko exekuzioetan hildakoak, kartzelan hildakoak, desagertuak, torturatuak, erbesteratuak, gatibu lanetan aritutakoak eta kontzentrazio esparruetan eta heriotza esparruetan egondakoak. Halaber, sexu joeragatik, sexu nortasunagatik edo gutxiengo etniko bateko kide izategatik jazarri dietenak ere biktimatzat joko ditu legeak. EP-IUren ekimenez, 36ko gerrako eta diktadura frankistaren biktimen errolda abiatuko da. Gainera, emakumeek jasandako indarkeria «espezifikoa, orokortua eta sistematikoa» jaso du idatziak. Aukera zabaldu dute biktimei kalte ordain ekonomikoak emateko ere, hala badagozkie. Gogora institutuak aztertu beharko du Espainiako legean jasotako kalte ordainak osatzea badagokien ala ez biktimei. Izan ere, iazko uztailean onartu zuten Espainiako Memoria Demokratikoaren Legea, PSE-EEko legebiltzarkide Eneko Anduezak gogoratu duenez. PSEko buruak PPri argitu nahi izan dio zein den aldea 1936tik 1978ra alde batean eta bestean egon ziren biktimen artean: «Batzuek 40 urteko ahaztura izan dute, eta besteek, 90 urteko gorespena. Batzuek heriotza, kartzela eta jazarpena izan dute, eta besteek, onura ekonomikoak». Horregatik, Anduezak garbi esan du batzuekin «zorretan» zegoela gizartea eta beteei ez zaiela «ezer zor». Gainera, gogoratu du ETAren biktimek badutela beren legea, eta hura «euskal demokraziaren habeetako bat» dela, gainera. «Utzi biktimak baliatzeari, eta are gehiago haien arteko liskarra sortzeko baldin bada. Miserablea da», esan die PPko diputatuei. Isunak frankismoa goratzeagatik 36ko kolpe militarraren eta diktaduraren biktimen egun bat izendatzeko bidea ireki du legebiltzarrak onartu duen legeak, eta zigor arautegi bat ere indarrean jarri du: frankismoa goratzeagatik 10.000 eurorainoko isunak egongo dira, baina 150.000 eurorainokoak ere bai 36ko gerrako hilobiak suntsitzeagatik edota «ikerketarako eta egia ezagutzeko dokumentuak» ezkutatu edota suntsitzeagatik. Goratzea aipatzean, 36ko altxamenduarekin eta diktadurarekin lotutako plakei, oroitarriei eta besteri erreparatzen die legeak. Gogorak plan bat jarriko du martxan memoria historikoari kalte egiten dioten espazioak eta kaleen izenak ere desagerrarazteko. Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkide Jon Hernandez ere gogor aritu da Memoria Historikoaren Legeari ezezkoa eman diotenarekin, eta PPri leporatu dio «frankismoaren oinordeko» izatea, «baina ez alderdia fundatu zutenak frankistak zirelako, bazik eta gaur egun alderdi horrek egiten dituen politikengatik». Argitu du legeak ez duela «zintzoen eta gaiztoen kontakizun bat» sustatu nahi: «Soilik egia jakin dadin nahi du». Ohartarazi du nazioarteko legeen arabera, frankismoaren krimenek ez dutela preskribatu, eta amnistiaren lege batek ez duela hori aldatuko. PPko parlamentari Barriok, berriz, uste du legeak «biktima batzuk nahita ahaztu» dituela, eta ETArenak ez direla jaso ekinaldian. «Ez zen dena frankismoa izan 1936tik 1978ra. Gerra krimenak egon ziren, eta ez frankistek eginak. Lege hau ez da osoa, ez baititu totalitarismo guztiak jaso. Frankismoa beste proiektu totalitario batekin batera egon zen urte batzuetan, ETArenarekin, eta legeak ez die jaramonik egiten haien biktimei». EH Bilduko kide Arzuagari galdetu dio ea hark nahi ote zuen «proiektu totalitario bat beste batek ordezkatzea». EP-IUko Hernandezi, berriz, galdetu dio ea «komunismoaren totalitarismoa» ote zen hark nahi zuena frankismoaren ordez.
2023-9-28
https://www.berria.eus/albisteak/233344/langile-publikoen-soldatak-05eraino-igoko-dira-urrian.htm
Ekonomia
Langile publikoen soldatak %0,5eraino igoko dira urrian
Urte amaieran beste emendatze bat izan dezakete, baldin eta Espainiako BPGak %2,1eko hazkundea gainditzen badu.
Langile publikoen soldatak %0,5eraino igoko dira urrian. Urte amaieran beste emendatze bat izan dezakete, baldin eta Espainiako BPGak %2,1eko hazkundea gainditzen badu.
Inflazioaren kaltea pixka bat arintzeko aukera izango dute Hego Euskal Herriko ia 200.000 langile publikoek. Urriko soldata ordainketan %0,5erainoko igoera gehigarri bat izango dute, eta ekonomiaren bilakaeraren arabera, beste puntu erdiko bat lortzeko aukera dute. Batak zein besteak atzerako eragina izango luketenez, urtarriletik jasotako soldaten gainean ordainduko dizkiete. Espainiako Gobernuak eta CCOO eta UGT sindikatuek iaz sinatutako akordio batek ireki du atea orain langile publikoek erosteko ahalmena handitzeko. Haren arabera, soldatak %2,5 handitu ziren urtarrilean, baina %0,5erainoko beste igoera bat izango zuten baldin eta 2022ko eta 2023ko irailen arteko KPIen baturak %6 gainditzen bazuen. Hala gertatu dela baieztatu zuen atzo INE Espainiako estatistika institutuak: iaz, batez besteko inflazioa %8,4 izan zen, eta %3,6 izan da aurtengo lehen bederatzi hilabeteetan. Itunak dio «gehienez %0,5» handituko dituztela soldatak, baina administrazio bakoitzari dagokiola kopuru zehatza erabakitzea. Estatuko administrazioko langileei %0,5 ezarriko zaiela aurreratu dute sindikatuek. Gutxi gorabehera 15.000 dira Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Aldundietan, udaletan eta kontzejuetan 40.000 lagun inguru aritzen dira, eta 145.000 dira Eusko Jaurlaritzako, Nafarroako Gobernuko eta haien menpeko erakundeetan lan egiten dutenak. Beste sektore batera ere iritsi daiteke igoera: eskola kontzertatuetako irakasleetara eta hezitzaileetara. Haien soldatak diru publikoarekin ordaintzen dituzte, eta langile publikoei egin ohi dizkieten eguneratzeak egin ohi dizkiete haiei ere. Lotura hori, ordea, ez da automatikoa, eta sektoreko negoziazio mahaietatik igaro behar du aurretik. Hain zuzen ere, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sektore publikoan —irakaskuntza barne— eta itunpeko eskoletan soldaten eguneratzea da hurrengo asteotarako deitutako greben arrazoietako bat. Sindikatuek KPIaren araberako igoerak eskatzen dituzte, eta aurreko urteetan galdutako erosahalmena berreskuratzea. Beste igoera bat Igoera urriko soldatarekin ordaintzea da asmoa, baina atzerako eragina izango du. Hau da, urte hasieratik jasotako soldata guztien gainean ordaindu beharko dutela administrazioek. Gerta liteke inflazioari lotutako emendatzea azkena ez izatea. Izan ere, Madrilgo gobernuak CCOOrekin eta UGTrekin sinatutako itunak dio Espainiako BPG barne produktu gordina aurten %2,1 edo gehiago haziz gero gehienez beste %0,5 handituko direla langile publikoen sariak, atzerako eraginez hori ere. Gaur egun, egingarria dirudi igoera horrek. Iragan astean baieztatutako datuen arabera, Espainiako ekonomia %2,2 handitu zen 2023ko bigarren hiruhilekoan, iazkoarekin alderatuz gero. Antzeko kopuru bat espero dute urte osorako Espainiako Bankuak (%2,3) eta Europako Batzordeak (%2,2).
2023-9-28
https://www.berria.eus/albisteak/233345/euskal-herriaren-erdigunera-lurraldetasuna-eta-federazioen-batasuna-aldarri.htm
albisteak
Euskal Herriaren erdigunera, lurraldetasuna eta federazioen batasuna aldarri
Igande honetan, urriak 1, mendi ibilaldia izango da Andia mendilerroko leku sinboliko horretara, lurraldetasuna eta mendi federazioen batasuna aldarrikatzeko. Sakanako mendi taldeak, federazioak, Gure Esku eta Nafarroa Berriz Altxa dira antolatzaileak.
Euskal Herriaren erdigunera, lurraldetasuna eta federazioen batasuna aldarri. Igande honetan, urriak 1, mendi ibilaldia izango da Andia mendilerroko leku sinboliko horretara, lurraldetasuna eta mendi federazioen batasuna aldarrikatzeko. Sakanako mendi taldeak, federazioak, Gure Esku eta Nafarroa Berriz Altxa dira antolatzaileak.
Hartu Euskal Herria Luzueroko lurmuturretik Orhiko kaskora edo Cortesko gaztelutik Mauleko gaztelura, eta non ote da gure lurraldearen erdigunea? Galdera horri erantzun nahirik, Felix Isasa ingeniariak hainbat ikerlan eta kalkulu egin zituen, masa zentroaren propietatea erabiliz, eta erdigune hori non den zehaztu zuen. Gerta zitekeen Arbizuko kaleetan egotea, edo Uharte Arakilgo industrialdean, edo Lakuntzako gasolindegian, baina ez, mendian dago, mendi-mendian, Andia mendilerroan, zehazki. Herri menditsua baita gurea, eta, agian horregatik, baita mendizalea ere. Olibesario saroia da Euskal Herriaren epizentroa, Lezizagoa eta Beriain mendi tontorren artean, eta behiala artzainen eta artaldeen babesleku izan zena sinbolismo handiko lekua bihurtu da. 2004an, Felix Isasak metro erdiko harri bat jarri zuen zutik leku hartan, eta zirkulu zentrokide batzuk inguruan, harrespila modura, gure lurraldearen erdigunea adierazteko. «Orduan, Irurtzungo Iratxo elkartekoak harremanetan jarri ginen Isasarekin, eta erdigune horretara ibilaldi bat antolatzen hasi ginen. Hasieran, herri mailan antolatzen genuen, gero eskualde mailan hasi ginen, Sakanako Mendizaleak eta Altsasuko Mendigoizaleak taldeekin. Independentistak taldekoak ere gurekin aritu ziren antolakuntzan zenbait urtetan, eta orain Nafarroa Berriz Altxa eta Gure Esku ere elkartu zaizkigu. Azkeneko urteetan, berriz, Nafarroako Mendi Federazioak eta Euskal Mendizale Federazioak ere bat egin dute ibilaldi honekin», jakinarazi du Mikel Goldarazena Irurtzungo Iratxo elkarteko kideak. Beraz, igande honetan, ia hogei urteko ohiturari jarraituz, mendi ibilaldia egingo dute erdigune horretara. Lekuaren izaera aintzat hartuta, lurraldetasuna, «hemen bada herri bat, eta hauxe da horren erdigunea» aldarrikatzea da ibilaldiaren helburu nagusia. Eta aurten, bada beste asmo bat ere: Hego Euskal Herriko mendi federazioen batasuna aldarrikatzea. 1924an, Federacion Vasco-Navarra de Montañismo izenarekin sortu zen federazioa, bi lurraldeak bat eginik, eta, mendeurrenaren atarian, batasun hori berriro gorpuztea da asmoa. Hori dela eta, Euskadiko eta Nafarroako mendi federazioetako buruak, Zigor Egia eta Martin Montañes, Gipuzkoakoa, Bizkaikoa eta Arabakoa Olibesarioko saroian batuko dira igandean. Ipar Euskal Herriko hainbat mendizale ere joatekoak direla jakinarazi du Goldarazenak. Ibilaldiak bi lekutatik abiatuko dira: 08:45ean Senosiaindik (Nafarroa), eta 9:30ean Irañetako bordatik. «Abiapuntu nagusiak bi horiek izango dira, baina beste hainbat lekutatik ere etorriko da jendea bere kabuz: Unanutik, Goñitik eta Treku aldetik, Ihabarretik... Denak han erdigunean elkartuko gara». 11:30ean ekitaldi xume bat izango da, federazioko presidenteen eta Gure Esku eta Nafarroa Berriz Altxa elkarteetako ordezkarien esku hartzearekin. Trikitilariak eta musika ez dira faltako, «eta, ekitaldia bukatzeko, Ikusi mendizaleak abestuko dugu denok», jakinarazi du Goldarazenak. Behin ekitaldia amaituta, 13:30ean, pintxo-potea eta bazkaria izango dira Irañetako Basoko Etxea bordan. Platerean, bertako jakirik goxoena: Lakuntzako baba txikiak. Ibilaldian parte hartzeko ez, baina bazkarirako izena eman behar da, irailaren 29a baino lehen, telefono honetara deituta: 620 19 02 77. Dagoeneko laurogei bat lagunek eman dute izena. EGITARAUA 08:45 Irteera Senosiaindik (askan) 09:30 Irteera Irañetako bordatik 11:30 Ekitaldia 13:30 Pintxo-potea Irañetako bordan 14:30 Bazkaria (15€) Irañetako Basoko Etxea bordan. Lakuntzako baba txikiak. Bazkarirako izen emateak: 620 19 02 77
2023-9-28
https://www.berria.eus/albisteak/233346/hezkuntza-akordioarekin-leial-jokatuko-duela-iragarri-du-eh-bilduk.htm
Gizartea
Hezkuntza Akordioarekin «leial» jokatuko duela iragarri du EH Bilduk
Gainerako alderdiei «zorroztasuna» eskatu die asteartean irekiko den eztabaida fasean «lege on bat» erdietsi ahal izateko
Hezkuntza Akordioarekin «leial» jokatuko duela iragarri du EH Bilduk. Gainerako alderdiei «zorroztasuna» eskatu die asteartean irekiko den eztabaida fasean «lege on bat» erdietsi ahal izateko
Asteartean amaituko da Eusko Legebiltzarrean Hezkuntza Legearen egitasmoari zuzenketak aurkezteko epea, eta, orduan, EH Bilduren esanetan, «karta guztiak ahoz gora» egongo dira, jakingo baita alderdi bakoitzak nolako aldaketak proposatzen dituen. Horri lotuta, EH Bilduko Hezkuntza idazkari Ikoitz Arresek iragarri du «leial» jokatuko dutela eta «amaierara arte» eutsiko diotela lau indar politiko nagusiek hitzartutako Hezkuntza Akordioari, «amaiera edozein delarik ere». «Herri honen etorkizunerako hain garrantzi handia duen eztabaida politikoan zorrotz» jokatzera deitu ditu Arresek gainerako alderdiak, eta Hezkuntza Akordioaren «espirituari eta letrari» leial izatera. Arresek esan du EH Bildu bere zuzenketak prestatzen ari dela, eta jakinak direla horien norabide politikoa eta «legearen testua hobetzeko intereseko eztabaida eremuak». Koalizioaren ustez, Jaurlaritzak onartutako lege egitasmoan badaude «lege on batera iristeko behar diren osagai nagusiak», baina orain beharrezkoa da «kalitatezko eztabaidari» ekitea, «non alderdi politikoen epe laburreko interesek kanpoan geratu behar duten». Arreseren ustez, abagunea garrantzitsua da, «orain ikusiko baita legea akordioaren norabidean joango den ala ez», eta nabarmendu du gaiak «garrantzi estrategikoa» duela hurrengo belaunaldientzat eta «adostasun handiak» eskatzen dituela, Hezkuntza Akordioaren inguruan lortu zirenen modukoak. Hori nabarmendu nahi izan du «bestelako tentaziorik baldin badago edo».
2023-9-28
https://www.berria.eus/albisteak/233347/zortzi-eguneko-greba-iragarri-dute-itunpeko-hezkuntzako-sarean.htm
Gizartea
Zortzi eguneko greba iragarri dute itunpeko hezkuntzako sarean
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Kristau Eskolako eta IZEAko langileak deitu dituzte lanuztera ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek.
Zortzi eguneko greba iragarri dute itunpeko hezkuntzako sarean. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Kristau Eskolako eta IZEAko langileak deitu dituzte lanuztera ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako itunpeko sarean greba egingo dute urriaren 17tik 19ra eta abenduaren 11tik 15era, ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek jakinarazi dutenez. Kristau Eskolako eta IZEAko langileak deitu dituzte grebara —ikastolek ez dute bat egin–, eta, sindikatuen arabera, 9.000 pertsona batuko dira. Lan hitzarmena hobetzeko negoziazioetan oraindik ere «immobilismoan errotuta» daudela leporatu diete patronalei, eta horregatik erabaki dute, hain zuzen, mobilizazio dinamika indartzea. Apirilaren 25ean egin zuten gizarte ekimeneko langileek azkeneko greba, aurretik izan zituzten negoziazio mahaietan «edukizko proposamenik» jaso ez zutelako. Sindikatuek salatu dutenez, hamahiru batzar izan zituzten guztira, eta, ordutik, ez dira berriz bildu. Patronalek negoziazioak blokeatzen jarraitzen badute, ordea, urtarrilean ere grebak egingo dituztela aurreratu dute langileek eta sindikatuek. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari laguntza eskatu diote, irtenbideren bat aurkitzeko. Beste askoren artean, aldarri hauek egin dituzte: langile guztien lanaldiak murriztea; Haur Hezkuntzako lehen eta bigarren zikloko langileen homologazioan aurrerapausoak ematea; hezkuntza laguntzako espezialistek lanaldi osoak izatea; KPIaren araberako soldata jasotzea; galdutako erosahalmena berreskuratzea; DBHko lehen eta bigarren mailako irakasleen soldatak sektore publikoko soldatekin parekatzea; birkokapen prozedurak erregulatzea; eta Lanbide Heziketa hobetzeko, euskara ikasteko, lan osasuna bermatzeko eta arrisku psikosozialak prebenitzeko planak garatzea. Sare publiko langileek, sindikatu horiek deituta, grebak egingo dituzte urriaren 25ean eta abenduaren 19an lan hitzarmena hobetzeko, gainerako funtzionarioekin batera. ELAk, CCOOk eta Steilasek, gainera, urriaren 24rako lanuzteak antolatu dituzte hezkuntzako sektore publikoan.
2023-9-28
https://www.berria.eus/albisteak/233348/feijooren-lehen-porrotaren-ondoren-sanchezen-inbestidurari-begira-jarri-dira-alderdiak.htm
Politika
Feijooren lehen porrotaren ondoren, Sanchezen inbestidurari begira jarri dira alderdiak
Estebanek esan du datozen egunak «argigarriak» izango direla. EAJk, EH Bilduk eta PSOEk Nuñez Feijooren jarrera kritikatu dute.
Feijooren lehen porrotaren ondoren, Sanchezen inbestidurari begira jarri dira alderdiak. Estebanek esan du datozen egunak «argigarriak» izango direla. EAJk, EH Bilduk eta PSOEk Nuñez Feijooren jarrera kritikatu dute.
PPko buru Alberto Nuñez Feijoo Espainiako gobernuburu bihurtzen saiatu zen atzo, baina porrot egin zuen, eta, ezusteko handirik ezean, berdin egingo du biharko saioan ere. Horiek hala, PSOEko idazkari nagusi eta jarduneko gobernuburu Pedro Sanchezen inbestidura saioari begira jarri dira jada EAJ, EH Bildu eta PSOE bera, hurrengo egunetan gauzak argituz joango direlakoan. EAJren eledun Aitor Estebanek ez du baztertzen Espainiako Gorteetarako hauteskundeak berriro egitea —urtarrilean lirateke—, baina uste du PSOEko idazkari nagusi eta egungo gobernuburu Pedro Sanchez saiatuko dela presidente bihurtzen, nahiz eta ez duen «erraza» izango. Herri Irratian egindako elkarrizketa batean, adierazi du urriko lehen hamabostaldia «argigarria» izango dela inbestidura horri dagokionez. EH Bilduko Mertxe Aizpurua baikorrago aritu da, Euskadi Irratian. Hark adierazi du sozialistek urria bukatu aurretik egin nahi dutela Sanchezen inbestidura saioa, eta horrek adierazten duela gauzak bide onetik doazela. Halere, azaldu du «arduraz eta zuhurtziaz» jokatzeko garaia dela, batik bat «aukera historiko» hau «eztabaida nazionalari» heltzeko baliatu nahi bada: «Aurreko legealdia aurrerapen sozialena izan bazen, bada garaia zintzilik utzitako auzi bati, lurralde auziari, ausardiaz heltzeko eta eztabaida irekitzeko». Izan ere, uste du euskal herritarren, katalanen eta galiziarren eskaera dela gaiari heltzea, eta PSOE ere horren jakitun dela. Estebanek ere ez du «zalantzarik»: «lurralde auziaz» hitz egiteko baliatu behar da abagunea, zehazteko nazioek zer leku izan beharko luketen estatuaren barruan, eta hizpidera ekartzeko estatuarekin «harreman berri» bat eratzeko aukera. «Hortik aurrera gai zehatzagoetara bagoaz –erreferendumarenera, esaterako–, halako zerbait ixteak aurrera eraman ezingo lukeen egoera batean jarriko luke PSOE», gehitu du, Kataluniako alderdi independentisten eskaerei so. Izan ere, jeltzaleak azaldu du adi ibili beharko dutela, ea JxCk eta ERCk zer egiten duten. Amnistiaren gaia jarri dute horiek mahai gainean, baina, era berean, bien arteko hartu-emanak agerikoak dira. ERCko buru Oriol Junquerasek oraintsu adierazi du jada badituztela akordioaren inguruko dokumentuak, baina EAJko diputatuak «zalantzan» jarri ditu adierazpen horiek, JxCren akordio proposamenari aurre hartzeko modua izan daitekeelakoan. EH Bilduko ordezkariak, berriz, azaldu du Kataluniako alderdi independentisten eta PSOEren arteko negoziazioa «aurreratuta» doala, nahiz eta erantsi duen ez duela «zuzeneko informazio askorik». Koalizio subiranistaren eta sozialisten arteko harremanez, bestalde, adierazi du oraindik ez dela negoziaziorik izan. Halere, azaldu du elkarrizketak izan dituztela «lehendabiziko oinarriak» jartzeko, eta negoziazioa ez dela «hutsetik» hasiko. Beraz, litekeena dela prozesua «azkarra» izatea. PSOEko diputatu Rafaela Romerok ere amnistiaren gaia izan du hizpide, eta azaldu du sozialistak konstituzioaren barruan sartuko den akordio bat egiteko prest daudela, betiere mahai gainean jartzen diren neurriak ez badira «nazionalistek ez-nazionalistei ezarritako inposizioak». Halere, Radio Euskadin azaldu du lehenik katalanen arteko akordio bat behar dela, ondoren hori Espainiako Gobernuarekin lantzeko: «Sozialistok ez diegu beldurrik neurri demokratikoei, ez diegu beldurrik eskuinei, eta ez diogu beldurrik negoziazioari, akordioari eta bizikidetza eraikitzeari». Feijoo, «oldarkor» Nuñez Feijooren inbestidura saioari dagokionez, EAJk, EH Bilduk eta PSOEk antzeko kritikak egin zuten. Romeroren hitzetan, saioa «denbora galtzea» izan da, eta erakutsi du PPko burua ez dela politikari «garbia». Estebanek, berriz, PPko buruari leporatu dio behar baino «oldarkorrago» jokatu izana. «Bere lidergoa indartu nahi izan du PP barruan eta Voxi begira», azaldu du jeltzaleak, baina gehitu jarrera horrek ez diola balio izan popularrari «lagunak» egiteko . Izan ere, Estebanek aurpegiratu dio jeltzaleekin «detaile oso zatarra» eduki zuela, EAJri eta EH Bilduri batera erantzun zielako, eta hitzaldi horretan «mila aldiz» esan zuela EH Bilduk boto gehiago jasoa zuela EAJk baino: «EH Bilduri dezenteko jokoa eman zion, behin eta berriz, elkar elikatzen baitute. Bide beretik, Aizpuruak ere «ultraeskuinarekin erabat lerrokatuta» ikusi zuen Nuñez Feijoo atzo: «Eraso pertsonalak, irainak eta gezurrak izan ziren PPko buruzagiaren hitzaldi bortitzaren oinarri». Hala, azaldu du PPren eta Voxen artean ez dagoela alderik, nahiz eta PPkoak kontrakoa adierazten saiatu. «Alderdi Popularraren barruko bi arimak orekatzeko saiakera horretan, badirudi ultraeskuinari eta Voxekin dituen lotura horiei men egingo diela erabat», azaldu du, eta gehitu uste duela hori izango dela legealdian hasieran agertuko den PP ere. Kontrara, Arabako PPko presidente Iñaki Oiartzabalek uste du Nuñez Feijoo «oso ondo» aritu zela saioan, eta «ebidentzian» utzi zuela EAJ, besteak beste. Hala, jeltzaleei leporatu die EAJren hautesle askok ez dutela ulertuko haiek independentistekin bat egin izana.
2023-9-28
https://www.berria.eus/albisteak/233349/soldatak-4-ari-dira-igotzen-batez-beste-aurten-eaen.htm
Ekonomia
Soldatak %4 ari dira igotzen batez beste aurten EAEn
Urtea hasi denetik 283 hitzarmen berritu direnez, bikoiztu egin da itun berritua dutenen kopurua.
Soldatak %4 ari dira igotzen batez beste aurten EAEn. Urtea hasi denetik 283 hitzarmen berritu direnez, bikoiztu egin da itun berritua dutenen kopurua.
Aurreko urte batzuetan ez bezala, aurten negoziazio kolektiboa gai izaten ari da sektore pribatuko langileen erosteko ahalmenari eusteko. Hori diote, behintzat, Lan Harremanen Kontseiluak Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako emandako azken datuek. Horien arabera, indarrean dauden lan hitzarmenen arabera, soldatak %3,99 handitu dira. Uztailari eta abuztuari dagokion txosten soziolaborala kaleratu du LHK-k. Horretan agertzen denez, are handiagoak dira soldata igoerak bertan negoziatutako lan hitzarmenetan (%4,42), Espainian negoziatu eta EAEn eragina dutenetan baino (%3,16). Edonola ere, alde handia dago lurralde batetik bestera. Horrela, Araban hitzartutako itunetan langileen soldatak %2,84 ari dira handitzen, %4,07 Bizkaikoetan, eta %5,69 Gipuzkoakoetan. Negoziazio kolektiboa prezio igoera handien garai batera egokitu dela erakusten duen beste datu bat ere badago: aurten hitzartutako itunetan are gehiago handitu dira soldatak, %4,82, hain zuzen ere. Lanaldiari dagokionez, alde handia dago Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan negoziatutako itunen eta Espainiakoen artean: lehenengoen batez besteko urteko lanaldia 1.687 ordukoa, eta 1.752 ordukoa bigarrenetan —65 ordu gehiago urtean—. Itun gehiago, greba gehiago LHKren txostenak nabarmendu du urtea hasi denetik 283 lan hitzarmen berritu direla, eta 175.282 langilek jaso dutela itun berritu batek ematen duen babesa. Horri esker, bikoiztu egin da lan hitzarmen berritua duten langileen kopurua: 345.107 ziren abuztuaren amaieran, itunpeko beharginen %56,8. Beste 225.000 langile daude beren hitzarmena noiz berrituko zain (%37), eta ia 38.000rena iraungita dago (%6,2). Lan gatazkei dagokienez, LHK-k azaldu du ekainera arte %6,1 ugaritu direla grebak: guztira, 209 greba deialdi izan dira, eta 28.371 langilek hartu dute parte. Batez beste, lau egun iraun dute.
2023-9-28
https://www.berria.eus/albisteak/233350/macronek-autonomia-eskaini-die-korsikarrei-frantziako-errepublikaren-barruan.htm
Mundua
Macronek «autonomia» eskaini die korsikarrei, Frantziako «Errepublikaren barruan»
Korsikera «gehiago irakastearen» eta «elebiduntasunaren aldeko irakaskuntza zerbitzu publiko» bat sortzearen alde mintzatu da Frantziako presidentea, uhartera eginiko bisitan
Macronek «autonomia» eskaini die korsikarrei, Frantziako «Errepublikaren barruan». Korsikera «gehiago irakastearen» eta «elebiduntasunaren aldeko irakaskuntza zerbitzu publiko» bat sortzearen alde mintzatu da Frantziako presidentea, uhartera eginiko bisitan
Korsikako Asanblearen aurrean mintzatu da gaur Emmanuel Macron Frantziako presidentea. Alderdi nazionalistak gehiengoa dira han, eta Macronek autonomia eskaini die, Frantziaren barruan. «Izan dezagun ausardia Korsikaren autonomia bat eraikitzeko, [Frantziako] errepublikaren barruan». Agintari frantsesak azaldu duenez, «autonomia hori izango da tresna etorkizuna elkarrekin eraikitzeko, estatutik askatu gabe. Ez da estatuaren aurkako autonomia bat izango, ez eta estaturik gabeko autonomia bat ere, baizik eta Korsikarentzako autonomia bat errepublikaren barruan». Estatutu berezia Frantziako Konstituzioan idatzi beharko litzatekeela adierazi du Macronek, «berezko artikulu batean». Horretan «komunitate uhartetar historiko, linguistiko eta kulturala» onartuko litzateke. Epeak ere ezarri ditu Macronek. Korsikako Asanbleari sei hilabete eman dizkio Frantziako Gobernuarekin «testu konstituzional eta organiko bat» hitzartzeko, Korsikako estatutua aldatzeko. Horretan oinarrituta, konstituzioa aldatzeko prozesuari ekingo liokete, eta, gero, Korsikan erreferendum bat antolatuko lukete. Lerro gorririk gabe Macronek agindu du ez dela «lerro gorririk» egongo, baizik eta «errepublikaren ideala». Korsikarren erakundeek «transferituriko eskumenen inguruko arauak» erabakitzeko aukera izan dezatela «aztertzearen alde» dagoela gaineratu du. Baina arautzeko ahalmen hori Frantziako Estatu Kontseiluaren eta Konstituzio Kontseiluaren «kontrolpean» legokeela ohartarazi du. Euskaldunentzat ezaguna da Macronek erabilitako terminologia, baina Frantziako agintariak ohartarazi die korsikarrei «ez inportatzeko Europako beste erreferentziarik». Ele biko hezkuntza Macronek esan du «korsikera gehiago» erakutsi beharko litzatekeela. Iradoki duenez, «elebiduntasunaren aldeko hezkuntza zerbitzu publiko bat» sortuko litzateke. «Leku gehiago eman behar diogu korsikerari, hezkuntzan zein eremu publikoan». Gilles Simeoni Korsikako Gobernuko presidenteak gogoratu dio Macroni zein testuinguruan hasi duen Parisek autonomia emateko prozesua: Yvan Colonna preso independentista 2022ko martxoan kartzelan hil ostean uhartean sorturiko «indarkeria sinestezinaren» barruan. Buruzagi autonomiazaleak berretsi dionez, «eskatzen dugun autonomia estatutua Frantziako Errepublikaren barruan txertatzen da». Nazionalistek eserlekuen hiru laurdenak okupatzen dituzte Korsikako Asanblean, eta, uztailaren 5ean, ados jarri ziren autonomia egitasmo baten inguruan. Besteak beste, korsikera frantsesarekin batera ofiziala izatea eskatu zuten, eta Frantziako Konstituzioan «Korsikako herria» kontzeptua idaztea.
2023-9-28
https://www.berria.eus/albisteak/233352/batez-besteko-pentsioa-50-eta-60-euro-artean-igoko-da-hegoaldean-2024an.htm
Ekonomia
Batez besteko pentsioa 50 eta 60 euro artean igoko da Hegoaldean 2024an
Hirugarrenez jarraian KPIaren arabera eguneratuko ditu Madrilek: aurtengo batezbestekoa %3,8 da. Igoera eskas gera daiteke urte hasierarako espero den inflaziorako. Erretiro pentsioak 1.700 eurotik gorakoak izango dira, batez beste; alarguntza pentsio minimoa, 630 euro.
Batez besteko pentsioa 50 eta 60 euro artean igoko da Hegoaldean 2024an. Hirugarrenez jarraian KPIaren arabera eguneratuko ditu Madrilek: aurtengo batezbestekoa %3,8 da. Igoera eskas gera daiteke urte hasierarako espero den inflaziorako. Erretiro pentsioak 1.700 eurotik gorakoak izango dira, batez beste; alarguntza pentsio minimoa, 630 euro.
Hego Euskal Herriko pentsiodunek lasai lo egin dezakete: haien nominak igo egingo dira urtarriletik aurrera, ordurako Espainian gobernurik osatu ez arren, edo, osatuta ere, aurrekonturik gabe jarraitzen badu ere. Zenbat igoko diren ere aurreratu daiteke: batez beste 50 eta 60 euro artean. Espainiako Gorteek 2021an onartu zuten erreformak bertan behera utzi zuen PPren gobernuen garaiko eguneraketa sistema —hainbat urtez %0,25 igotzea eragin zuena—, eta inflaziora lotu zuen berriro. Zehatzago esateko, aurreko urteko abenduko eta ondorengo urteko azaro bitarteko batez besteko inflazioaren arabera handitzen dira. Abenduaren erdialdean argitaratuko da azaroko KPIa eta orduan jakingo da zehazki pentsioak zenbat igoko diren. Dena den, behin-behineko kopuru bat aurreratu daiteke jada. Ostegun honetan jakinarazi zuen INE Espainiako estatistika erakundeak iraileko inflazioa —%3,5ekoa, abuztuan baino bederatzi hamarren handiagoa—. Hortaz, iazko abendutik aurtengo irailera arteko batezbestekoa %3,85ekoa da. Espainiako Bankuaren arabera, litekeena da inflazioak behera egitea hurrengo bi hilabeteetan, eta azarora arteko batezbestekoa %3,6ra jaistea. Baina hark eta beste erakunde batzuek ez dute baztertzen igotzea ere, energien prezioen gorabeherengatik, irail honetan gertatu den moduan. Dagoeneko ia ziurra da %3,5 eta %4 artean kokatuko dela KPIaren batez besteko igoera, eta horrekin batera pentsioena. Azken hamabost urteetan bitan baino ez da igoera handiagorik izan: %8,5ekoa aurten eta %4,1ekoa 2008an. Ikusteko dago, baina, aski izango da hurrengo urteko prezioen gorakadari aurre egiteko, bereziki urte hasieran, abenduaren 31n amaitzen baitira Espainiako Gobernuak energia erosteko laguntzak. Espainiako Bankuak kalkulatu duenez, horrek 1,5 puntu igoko luke inflazioa. 2024ko batezbestekoa aurtengoaren pare amaitzea aurreikusten du: %4,1. Erretiro pentsio gehiago Orain arteko urteko inflazioaren bilakaera kontuan hartuta, sistemaren batez besteko pentsioa — erretiroarena, elbarriena, alarguntzarena, umezurtzena eta senideen aldekoa barne hartzen dituena — hilean 56 euro handituko litzateke: gaur egun 1.456 euro dira hilean Hego Euskal Herrian. Igoera handiagoa izango lukete erretiro pentsioek: 64 euro. Gaur egun, erretiro pentsioen batezbestekoa 1.657 eurokoa da. Pentsioen bi heren erretiro pentsioak dira, 480.000 inguru. Eta azken urtean horiek bakarrik hazi dira, biztanleria zahartzen ari delako eta orain erretiroa hartzen ari direnen artean kotizatzaile gehiago daudelako duela hamarkada batzuk baino. Alarguntza pentsioak, berriz, 165.000 inguru dira Hegoaldean, eta 1.021 euro jasotzen dituzte, batez beste. 39 euroko igoera izango lukete urtarriletik. Alarguntza pentsio minimoek, berriz, igoera handiagoa izango dute, martxoan EH Bilduk Espainiako Gobernuarekin pentsioen erreforman onartutako aldaketaren ondorioz. Gaur egun, 593 eta 906 euro artean jasotzen dituzte hilean, kargura dituzten senideen arabera. Akordio horri esker, 2024an, pentsio indibidualak 40 euro igoko dira (%6,7) eta 126 euro (%13,9) haien kargura senideak dituztenenak. Igoera hori progresiboa izango da hurrengo hiru urteetan. 2027an, neurria erabat aplikatzen denean, kargak dituen pertsona batentzako gutxieneko alarguntza pentsioek %30 igoera izango dute guztira. Kotizatzen ez duten pentsioak, berriz, ez daude lotuta inflazioaren igoerari, eta gobernuak zehazten du zenbatekoa bere aurrekontuetan. Iaz EH Bilduk eta Espainiako Gobernuak adostutakoaren arabera, 2024an ere %15eko igoera izango lukete, aurten bezala. Era berean, genero arrakalaren osagarria kobratzen dutenek ere igoera izango dute, inflazioarekin loturikoa gehi %10: 35 euro inguru guztira seme-alaba bakoitzeko. Igoera kotizazioetan Inflazioaren igoerak gehieneko kotizazioei ere eragingo die, gobernuak lehen zeukaten muga kendu egin baitu. Aurten, lehen aldiz, igoera automatikoki azarriko da urtarrilean pentsioen erreformak jasotzen duen moduan, eta Espainiako Gobernuak ez du erabaki beharko kuotak igotzen dituen ala ez eta zer portzentajetan. Arau berriaren arabera, gehieneko kuotak % 1,2 igoko dira urtero batez besteko inflazioaren gainetik, eta, orain arteko bilakaera ikusita, %5etik gorakoa izango da igoera. Horrela, gehieneko kotizazioa 4.495 eurotik 4.700 eurora pasatuko da hilean.
2023-9-28
https://www.berria.eus/albisteak/233353/bilboko-udalak-bat-egin-du-kontseiluak-deitutako-manifestazioarekin.htm
Gizartea
Bilboko Udalak bat egin du Kontseiluak deitutako manifestazioarekin
EH Bilduk eta EAJk hitzartutako mozioa onartu dute osoko bilkuran. PSEk eta PPk aurka bozkatu dute.
Bilboko Udalak bat egin du Kontseiluak deitutako manifestazioarekin. EH Bilduk eta EAJk hitzartutako mozioa onartu dute osoko bilkuran. PSEk eta PPk aurka bozkatu dute.
Bilboko Udalak bat egin du euskararen kontrako oldarraldiaren aurka eta euskararen normalizazioaren alde Euskalgintzaren Kontseiluak datorren azaroaren 4rako deitutako manifestazioarekin. EH Bilduk eraman du mozioa osoko bilkurara, eta EAJrekin hitzartutako erdibideko zuzenketa batekin egin du aurrera proposamenak. PSE-EEk eta PPk ez dute babestu. Mozioaren bidez, udalari eskatu diote herritarrak manifestaziora joatera animatu ditzala, eta euskararen erabilera bermatzeko neurriak garatzen jarrai dezala. Maria del Rio EH Bilduko bozeramaileak esan du EAJrekin lotutako akordioa berri «pozgarria» dela, eta adierazten duela euskararen aldeko aldarriak «gehiengo zabal batek» batzen dituela. Del Riok salatu du euskara normalizatzeko prozesuan oztopo gehiago jarri izan direla administrazioan, hala barne funtzionamenduari dagokionez, nola hizkuntza eskakizunak eta kontratazioetako hizkuntza klausulei dagokienez. Haren ustez, azken inkesta soziolinguistikoak argi erakutsi du gizartearen gehiengo zabal batek babesten dituela euskararen normalizazioa helburu duten politikak. «Aipaturiko eragozpenak, hortaz, adostasun sozial handi baten kontrakoa ere badira», gaineratu du. EAJko zinegotzi Eider Inunziagak ziurtatu du udal gobernuak lanean jarraituko duela hizkuntza eskubideak errespeta daitezen, eta euskara gero eta herritar gehiagok erabili dezaten. Euskararen aurkako epai judizialak kritikatu ditu, halaber. PSE-EEko bozeramaile Nora Abetek euskara liskarrerako tresna gisa erabiltzea kritikatu du, eta esan du herritarrek eskubidea dutela administrazioan nahi duten hizkuntza erabiltzeko, baina «inposiziorik gabe». PPko Esteban Gotik ukatu egin du euskararen aurkako erasoaldia dagoenik.
2023-9-28
https://www.berria.eus/albisteak/233354/hil-egin-da-irunean-autobus-publiko-batek-harrapaturiko-78-urteko-emakumea.htm
Gizartea
Hil egin da Iruñean autobus publiko batek harrapaturiko 78 urteko emakumea
Autobus geltoki zaharraren ondoan gertatu da istripua, abiada txikian.
Hil egin da Iruñean autobus publiko batek harrapaturiko 78 urteko emakumea. Autobus geltoki zaharraren ondoan gertatu da istripua, abiada txikian.
Arratsaldeko 17:22 orduak aldera istripu bat gertatu da Iruñean. Berriozar-Mutiloa ibilbidea egiten duen autobus publiko batek oinezko bat jo du. 78 urteko emakumezko bat zen, eta erietxera eraman dute. Han ikusi dute zauri larriak zituela, eta hil edo bizi zegoela. Hil egin da gero. Iruñeko geltoki zaharretik gertu dagoen zebra bidean gertatu da ezbeharra. Emakumea errepidea zeharkatzen ari zen, eta, lekukoen arabera, autobusa poliki zihoan.
2023-9-28
https://www.berria.eus/albisteak/233355/hiru-lagun-hil-dira-herbehereetan-izandako-bi-tiroketatan.htm
Mundua
Hiru lagun hil dira Herbehereetan izandako bi tiroketatan
Tiroketak Rotterdamen izan dira, eta pertsona bakarrak egin dituela uste du Poliziak. 32 urteko gizon bat atxilotu dute. Hildakoetako bat adingabea zen.
Hiru lagun hil dira Herbehereetan izandako bi tiroketatan. Tiroketak Rotterdamen izan dira, eta pertsona bakarrak egin dituela uste du Poliziak. 32 urteko gizon bat atxilotu dute. Hildakoetako bat adingabea zen.
Hiru pertsona hil dira Rotterdamen (Herbehereak) bi tiroketatan. Poliziak 32 urteko gizon bat atxilotu du egilea izan daitekeelakoan. Oraingoz, egile bakarra izan delako susmoa dute. Tiroketak Erasmus Unibertsitatean eta handik gertutako etxebizitza batean izan dira. Lehenengoan, 46 urteko irakasle bat hil da. Etxebizitzan, berriz, 39 urteko emakume bat eta haren 14 urteko alaba. Hasieran, gaztea ospitalera eraman dute, larri zaurituta, baina handik ordu batzuetara hil dela jakinarazi du Poliziak. Hiltzaileak sutea piztu du bi eraikinetan, haietatik atera ostean. Poliziak 14:25 inguruan izan du bi tiroketen berri, eta, handik bi ordu ingurura, jakinarazi du susmagarri bat atxilotu dutela. Gizona Erasmus Unibertsitateko ikaslea da, eta lehendik zigortua izan zen animalien kontrako abusuagatik.
2023-9-28
https://www.berria.eus/albisteak/233356/alavesek-aho-zapore-gaziko-puntua-lortu-du-vigon.htm
Kirola
Alavesek aho zapore gaziko puntua lortu du Vigon
Arabako taldeak berdindu egin du Celtaren zelaian, eta, horri esker, lehen puntua lortu du etxetik kanpo. Arabarrak jokalari bat gehiagorekin aritu dira 68. minututik aurrera. Samu Omorodionek sartu du gola.
Alavesek aho zapore gaziko puntua lortu du Vigon. Arabako taldeak berdindu egin du Celtaren zelaian, eta, horri esker, lehen puntua lortu du etxetik kanpo. Arabarrak jokalari bat gehiagorekin aritu dira 68. minututik aurrera. Samu Omorodionek sartu du gola.
Futbolean zerbait merezi izateak ez du ezer ziurtatzen. Alavesek orain arte ez zuen etxetik kanpo punturik bildu eta golik sartu, eta, gaur bolada txarrari amaiera eman badio ere, bi puntuk ihes egin dioten sentipenarekin amaitu du Celtaren aurkako partida. Antonio Siveraren atera jaurtiketarik egin gabe sartu du gola Celtak; arabarrek, berriz, 11 behar izan dituzte bakarra sartzeko. Nagusi izan dira zelaian, baina ez markagailuan. Hiru neurketako astea izanik, bost aldaketa egin ditu Luis Garcia Plazak hamaikakoan. Besteak beste, Kike Garcia, Luis Rioja eta Ruben Duarte aulkian utzi ditu Alaveseko entrenatzaileak, eta, haien ordez, Samu Omorodion, Abde Rebbach eta Javi Lopez zelairatu ditu. Atletico Madrilek utzitako aurrelaria aurreneko aldiz aritu da hasieratik Alaveseko elastikoarekin, eta bigarren minuturako jada Ivan Villar Celtako atezaina lanean jarri du. Etxeko taldeak, baina, berehala erantzun du. Aukera paregabea izan du Oscar Minguezak aurreneko gola sartzeko, baina, dena alde zuela, kanpora bota du baloia. Alaves eroso zegoen, eta gola sartzekotan egon da behin baino gehiagotan. Puntu bat arrantzatzea sari ona izan zitekeen arren, irabaztera atera da, zalantza izpirik gabe. Galiziarrak ere garaipen gosez ziren, ez baitute oraindik irabazi etxean. Nahi gabe lortu du Celtak estreinako gola, 35. minutuan. Rafa Marinek, atzera begiratu gabe, Siverari pasatu nahi izan dio baloia, eta atezainarentzat zihoan baloiak Alavesen ate barruan amaitu du. Kolpe latza izan da bai atzelariarentzat, baita talde osoarentzat ere. Baina golak ez ditu bisitariak kikildu, eta erasokor jarraitu dute. Berdintzear egon dira atsedenaldira iristear zirela. Kontraeraso azkar batean, Samu Omorodion area ertzeraino iritsi da, eta burua altxatu, erdiratu, eta Abderen burukadari erantzun bikaina eman dio Villarrek. Bigarren zatiko lehen minutuetan Alavesi kosta egin zaio galiziarren areara iristea. Joko bidez ezin denean, geldikako jokaldiek berebiziko garrantzia hartzen dute. Iannis Hagi falta jaurtiketa batean norgehiagoka berdintzear egon da, baina Villarrek sekulako geldiketa egin dio. Errumaniarraren saiakera arabarrak suspertu ditu, eta taldeak sentipen onak berreskuratzen ari zela baliatu du Garcia Plazak Luis Rioja eta Antonio Blanco zelairatzeko. 68. minutuan, Celta hamarrekin geratu da, Luca de la Torrek bigarren txartel horia ikusi eta gero. Aurkaria bat gutxiagorekin zegoela ikusita, bi aurrelari zelairatu ditu Garcia Plazak: Kike Garcia eta Xeber Alkain. Celtak Alavesi eman dio baloia. Etxekoak markagailuan zuten aldeari eusten ahalegindu dira partidako azken hogei minutu pasatxoetan. Planak, baina, ez die asko iraun, 72. minutuan Samu Omoriodonek berdinketaren gola erdietsi baitu. Javi Lopezek jokaldi ederra egin du ezker hegalean: erdiratu, eta aurrelariak, ateko zulotik, sarera bidali du baloia. Atletico Madrilek utzitako aurrelariak gertu izan du bigarren gola, baina, arabarrak gola ospatzear zirela, Carl Starfeltek marra gainetik atera du baloia. Azken hatsera arte ahalegindu dira gasteiztarrak. Azken jokaldian, Luis Riojari penaltia egin diotela esan dute arabarrek, baina epaileak ez du ezer adierazi.
2023-9-29
https://www.berria.eus/albisteak/233357/gorritxoek-suspertu-ezinik-jarraitzen-dute.htm
Kirola
Gorritxoek suspertu ezinik jarraitzen dute
Osasunak galdu egin du Atletico Madrilen aurka Sadarren. Nafarrek ez dute oraindik etxean irabazi denboraldi honetan. Ligako azken hamabi puntuetatik bakarra eskuratu dute. Epaileak berdinketarena izan zitekeen gola baliogabetu dio David Garciari, eta Arrasate eta Chimy Avila kanporatu ditu.
Gorritxoek suspertu ezinik jarraitzen dute. Osasunak galdu egin du Atletico Madrilen aurka Sadarren. Nafarrek ez dute oraindik etxean irabazi denboraldi honetan. Ligako azken hamabi puntuetatik bakarra eskuratu dute. Epaileak berdinketarena izan zitekeen gola baliogabetu dio David Garciari, eta Arrasate eta Chimy Avila kanporatu ditu.
Bolada txarrek bere horretan jarraitzen dute. Osasunak irabazi ezinik segitzen du Konferentzia ligatik kanpo geratu zenetik. Hilabete eskas batean lau partida jokatu ditu, eta hiru galdu ditu, eta bat berdindu. Bolada txarragoa darama Sadarren. Ez du irabazi bere zaleen aurrean denboraldi honetan, eta bost neurketa jokatu ditu jada: bat berdindu du, eta lau galdu. Atzokoa galduta, halaber, Atletico Madrilen aurkako partidetan daraman bolada txarra eten ezinik jarraitzen du: galdu egin ditu haren aurka jokatu dituen azken 11 norgehiagokak. Duela bederatzi urte irabazi zion azkenekoz. Neurria hartua dio Diego Simeonek entrenatutako taldeak. Hasieratik geratu da argi Atletico Madril aurkari oso zaila izango zela: Espainiako taldeak berehala hartu du aginte-makila. Ez du luzaroan itxaron behar izan nagusitasun horri etekina ateratzeko. 20. minutuan, Aitor Fernandezek bi huts larri egin ditu jarraian: lehenbizi, baloia oparitu dio Atletico Madrili; eta, gero, ez du Samuel Linok erdiratutako baloia harrapatu, eta Antoine Griezmannek ezin hobeto aprobetxatu du gola sartzeko. Atezain arrasatearrak berriro jokatu du, baina ez du itzulera ona izan. Hasi eta gutxira gola jasotzea kolpe gogorra izan arren, gorritxoek ekinean jarraitu dute. Saiatu, saiatu dira, batez ere, Aimar Orozek hauspotuta, baina ez dira gai izan arrisku handirik sortzeko. Johan Mojicak izan du aukerarik argiena lehen zatian, 39. minutuan, baina haren jaurtiketak kanpoko zutoina jo du. 0-1ekoarekin amaitu da aurreneko zatia. Nahi eta ezin ari zen Osasuna, eta lasai Atletico Madril, sufritu gabe. Aldatu egin da hori bigarren zatian. Zaleek lagunduta, oldarkor zelairatu dira gorritxoak. Chimy Avilak eta Ante Budimirrek bina aukera izan dituzte lehen ordu laurdenean, baina ez dute asmatu Jan Oblaken aurrean. Arrasatek freskotasuna eman nahi izan dio taldeari, eta 66. minutuan, bi aldaketa egin ditu kolpe batez: Jon Moncayolak eta Iker Muñozek Pablo Ibañez eta Lucas Torro ordezkatu dituzte. 75. minutuan, David Garciak gola sartu du buruz korner batean, baina epaileak baliogabetu egin du, Aimarrek Axel Witseli bultza egin diolakoan. Erabakiak sutan jarri ditu Osasunako jokalari eta entrenatzaileak, eta epaileak txartel gorria atera dio Arrasateri. Aldageletara joan aurretik, Osasunako entrenatzaileak beste bi aldaketa egin ditu: Kike Barja eta Raul Garcia atera ditu Mojicaren eta Budimirren ordez. Gola sartu, eta epaileak baliogabetzea nahikoa zigorra ez bazen izan, Atletico Madrilek bigarren gola sartu du handik gutxira. Itsu-itsuan ari zen Osasuna berdinketaren bila, eta bisitariek bizkarra hartu diote kontraeraso batean, eta Rodrigo Riquelmek ez du barkatu ate aurrean. 81. minutua zen, eta erabakita zegoen neurketa. Tentsioak gora egin du, eta epaileak Chimy eta Alvaro Morata kanporatu ditu; ika-mika izan dute biek, eta epaileak txartel gorria atera dio Osasunako aurrelariari, eta bigarren txartel horia Atletico Madrilekoari. Ezer gutxi jokatu da azken minutuetan. Cesar Azpilikueta hirugarren gola sartzear egon da, baina Aitor Fernandezek geldiketa ederra egin dio Osasunako jokalari izandakoari. Amorratuta bukatu dute Osasunako kideek eta zaleek, partidaren emaitzarekin, eta, batez ere, epailearen lanarekin.
2023-9-29
https://www.berria.eus/albisteak/233388/inbestiduraren-truke-sanchezi-laquoerreferendumaren-alderaquo-lan-egiteko-eskatzea-babestu-du-kataluniako-parlamentuak.htm
Mundua
Inbestiduraren truke, Sanchezi «erreferendumaren alde» lan egiteko eskatzea babestu du Kataluniako Parlamentuak
PSCk gaitzetsi egin du bi alderdi independentisten baldintza hori, eta hauteskundeak berriz egiteko arriskuaz ohartarazi du.
Inbestiduraren truke, Sanchezi «erreferendumaren alde» lan egiteko eskatzea babestu du Kataluniako Parlamentuak. PSCk gaitzetsi egin du bi alderdi independentisten baldintza hori, eta hauteskundeak berriz egiteko arriskuaz ohartarazi du.
Kataluniako Parlamentuak alderdi independentistei eskatu die, Madrilen Pedro Sanchez presidente izateko botoen truke, eska diezaiotela «erreferendumaren alde» lan egiteko. Politika orokorreko saioa egin du gaur parlamentuak, eta ebazpen batean onartu dute eskaera. Balio sinbolikoa izango du, baina adierazgarria da Kataluniako bi alderdi independentista nagusiak ados jarri izana. ERCren eta Juntsen aldeko botoak jaso ditu ebazpenak (64), eta PSC, PP eta Voxen kontrakoak (54). CUP abstenitu egin da, eta Ciutadansek ez du bozkatu puntu hori tramiterako onartu dutelako protestan. Ebazpena ERCk eta Juntsek adostu zuten, eta, Nuñez Feijooren inbestidura saioaren porrotaren ostean, parlamentuaren babes hori jaso dute Madrilen euren babesa negoziatzeko. Aurreko asteazkenean Kataluniako Parlamentuan ika-mikan aritu ostean adostu dute bi indar independentistek zer baldintza jarriko dizkioten Sanchezi: amnistia lege bat egitea, eta autodeterminazio erreferendum bat egin ahal izateko «baldintzak eraginkorrak» bermatzearen alde lan egitea. Kataluniako Generalitateari ere eskatu diote «egin beharrekoak egiteko» erreferendum bat izan dadin. «2017ko Urriaren Leheneko mandatua estatuarekin adostutako erreferendum batek ordezkatuko luke», dio ebazpenak. PSC: hauteskundeak berriz egin litezke Salvador Illa PSCko buruak txarretsi egin du JxCk eta ERCk jarritako baldintza. Hark adierazi duenez, «gizartea banatzea» ez da bidea, eta iragarri du Kataluniako independentistek autodeterminazioaren baldintza mahai gainean jartzen badute hauteskundeak berriz egin litezkeela: «Ez da desiragarriena, ez da ez Kataluniak, ez Espainiak behar dutena, baina errealitatea den modukoa da». Ikusi gehiago: Feijooren lehen porrotaren ondoren, Sanchezen inbestidurari begira jarri dira alderdiak CUP abstenitu egin da bozketan, eta beste ebazpen batean eskatu du izan daitezela Kataluniako erakundeak eta herritarren mobilizazioa «berme bakarrak» 2017ko erreferendumak ekarri zuen hausturan aurrera egiteko. Ebazpen horrek ere parlamentuaren babesa jaso du. Beste mozio batean, CUPek eskatu du Espainiako erakundeekin «ez kooperatzeko», harik eta hark autodeterminazio eskubidea aitortu arte. Desobedientziarako dei hori, baina, ez da aurrera atera, ERC abstenitu egin delako; soilik CUPek eta Juntsek bozkatu dute alde. Amnistiaren alde, gehiengo handi bat Hiru alderdi independentistek bat egin dute Kataluniako prozesuan parte hartzeagatik auzipetuta daudenentzat amnistia eskatzeko aurkeztu duten ebazpena aurrera ateratzeko. En Comu Podem taldeak ere bozkatu du horren alde. 80 diputatu izan dira guztira. Kontra bozkatu dute PSCk, Voxek eta PPk (47 boto); Ciutadans abstenitu egin da hor ere. Amnistiaren aldeko ebazpenean, ERCk, CUPek eta Juntsek eskatu dute 2020an erregistratu zuten amnistiarako lege proposamena oinarri izan dadila lege berrirako. «Gatazka sozial eta politikoaren testuinguruan, eskubideen eta askatasunen defentsaren auzian arrazoi politikoengatik auzipetutako pertsona guztiak» amnistiatzeko eskatu dute gaur. Amnistiaren aurka Ciutadansek, Voxek eta PPk aurkeztu dituzten ebazpenak atzera bota dituzte.
2023-9-29
https://www.berria.eus/albisteak/233389/zor-publikoaren-zama-arinduz-doa.htm
Ekonomia
Zor publikoaren zama arinduz doa
Eusko Jaurlaritzak BPGaren %13 zor du, eta Nafarroako Gobernuak, berriz, %13,3
Zor publikoaren zama arinduz doa. Eusko Jaurlaritzak BPGaren %13 zor du, eta Nafarroako Gobernuak, berriz, %13,3
Kopuru osoetan egonkor, baina proportzionalean, beherantz. Horrela azal daiteke zer gertatzen ari den Hego Euskal Herriko erakundeen zor publikoaren bilakaerarekin. Hau da, milioi eurotan neurtuta ez da orain ere aldaketa handirik izan, 15.000 milioi euroren bueltan baitago, baina ekonomia hazten ari denez, haren zama txikiagoa da. Garrantzitsua da jaitsiera, zor bonuen eta maileguen interesak handitzen ari diren garai batean. Espainiako Bankuak gaur eman du 2023ko bigarren hiruhilekoaren amaieran bere eraginpeko administrazio publikoek zuten zorraren berri. Dioenez, Eusko Jaurlaritzak 10.916 milioi euro zor zituen ekainean. Jaitsiera nahiko handia dago martxo amaierako datuarekin konparatuta (-512 milioi), baina igoera apala 2022aren bukaerarekin alderatuz gero. Baina zorra neurtzeko modurik adierazgarriena barne produktu gordinean duen pisua da, eta horretan joera argi eta garbi beheranzkoa da Jaurlaritzaren kasuan: BPGaren %14,9 zen, eta azken urtean %13ra jaitsi da. Urrunago geratzen da Espainiako Bankuak duen serieko urterik txarrena, 2020a, orduan %16,2ra heldu baitzen. Beste hainbeste esan daiteke Nafarroako datuei buruz. Espainiako Bankuak 3.175 milioi euroko zorra duela dio. 73 milioi handitu da azken hiruhilekoan, 17 milioi besterik ez urtea hasi denetik, baina duela urtebetekoaren azpitik dago (-107 milioi). Nafarroako BPGa %2 handitu da azken urtean, eta, hortaz, zor publikoaren zama %15,1etik %13,3ra jaitsi da. Nafarroaren zor publikoak ere 2020an jo zuen goia, pandemiaren ondorioz, %19,1eraino heldu baitzen. Jaurlaritzaren bonuak, eta Nafarroaren maileguak Baina bada desberdintasun bat Hegoaldeko bi administrazio nagusien zorraren artean: Eusko Jaurlaritzak zor merkatuekin ditu zorraren bi heren, eta heren bat bankuekin. Ia-ia kontrakoa da Nafarroak: %62,7 bankuei zor die, eta %37,3 bere bonuak erosi dituzten inbertitzaileei. Bankuak dira foru aldundien zor ia guztiaren hartzekodunak ere. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru erakundeek 3.394 milioi euroko zorra zuten ekainaren amaieran, hiru hilabete lehenago baino 310 milioi gehiago, baina duela urtebete baino 137 milioi gutxiago.
2023-9-30
https://www.berria.eus/albisteak/233390/dirua-da-nagusitu-eta-iduri-luke-gero-eta-gehiago-onartua-dela-hori.htm
Gizartea
«Dirua da nagusitu, eta iduri luke gero eta gehiago onartua dela hori»
Olivier Bibens, Martin Lemaire eta Jeanine Beirie Senpereko Olha etxaldeko mobilizazioetako kideak dira. Irakaspenak atera dituzte etxaldearen salmenta espekulatiboaren salatzeko okupaziotik eta ekintzetatik.
«Dirua da nagusitu, eta iduri luke gero eta gehiago onartua dela hori». Olivier Bibens, Martin Lemaire eta Jeanine Beirie Senpereko Olha etxaldeko mobilizazioetako kideak dira. Irakaspenak atera dituzte etxaldearen salmenta espekulatiboaren salatzeko okupaziotik eta ekintzetatik.
Ekain hondarretik, bi hilabetez, Senpereko Olha etxaldea okupatu zuten Lurzaindiak, ELBek, Ostiak eta espekulazioaren kontrako Senpertarren kolektiboak, Donibane Lohizuneko Telleria familiak 1,3 milioi euroan erostea salatzeko. Saferrek 650.000 euroan estimatuak zituen etxettoa eta 50 hektarea lurrak. Telleriaren Adam saltegiaren aitzinean ekintzak eginik, agorril bukaeran utzi zuten okupazioa, Baiona eta Donibane Lohizuneko bideak oztopatuz. Senpereko taldeko Olivier Bibensek (Heleta, 1978), Lurzaindiko Martin Lemairek (Les Lilas, Frantzia, 1988) eta Ostiako Jeanine Beiriek (Kanbo, 1953) parte hartu dute okupazioan eta mobilizazioetan. Senpereko okupazioa beharrezkoa zen? Eta zer ekarri du? OLIVIER BIBENS: Bai, beharrezkoa zen, eta beharrezkoa da. Erakusten du prest garela halako salmenta bat geldiarazteko; bertzeei erakusten die prest garela sartzeko holako okupazio batean. JEANINE BEIRIE: Alde negatibo bakarra ikusten diot: salmenta egin dela. Erran nahi du dirua baldin baduzu eskubide guztiak badituzula; herriaren kontra, jendearen kontra, laborarien kontra joaten ahal zarela. Pentsa daiteke saltzaileak eta erosleak ez dutela erantzukizunik. Dirua da nagusitu, nagusitzen, eta iduri luke gero eta gehiago onartua dela hori. Ez dugu lortu salmenta geldiaraztea, baina ahalkea ez da gure aldean; ez gara gu lotsatuak. Lotsa besteek dute: saltzaileak, eta, bereziki, erosleak. Zer ondorio atera duzue? BIBENS: Bilana zein den? Pixka bat Arbonan bezala: uzten gaituzte sartzen. Eta itxoiten dute gu aspertzea. Egoera usteltzera utzi eta gure kabuz partitzea itxoiten dute. Okupazioak hor du muga. Nahiz eta delitua izan, uzten gaituzte barnean egoten. BEIRIE: Gero, salmenta egin da, baina herriak ez du dena galdu. Bi hilabetez jendea bildu dugu. Batzuetan, jende asko. Etxea ez da sekula hutsik egon. Etxaldetik ere atera gara informatzeko. 13.000 eskuorri banatu ditugu; ez da gaizki. Sentitu dugu jendea hasten zela kontzientzia hartzen, eta azkartzen ari da; ez bakarrik gazteen artean. Belaunaldi guziak hunkiak dira, eta ikusten dute dirudunek Euskal Herrian diruarekin dena erosten ahalko dutela, hemengo jendeak ez duela etxerik erosten edo alokatzen ahal. Gora diren prezioengatik? BEIRIE: Eta klima aldaketak leku guzietan duen eragina ikusiz. Janari larrialdia ere gero eta gehiago kontuan hartu beharko dugu. Uste dut bi hilabete horietan gauza horiek landu ditugula jendeekin mintzatuz. MARTIN LEMAIRE: Senperekoarekin ontsa dena da laborariak pixka bat gibelago egon direla eta utzi dutela jendeei toki gehiago. BEIRIE: Bai, baina ez zen beharbada egokiena. Batzuetan, Ostiakoak sentitu gara doi bat utziak. BIBENS: Ene iduriko, gaia laborarien gain utzi dugu, laborantza zelako. LEMAIRE: Pertsonalki, Arbonarekin desberdintasun handi bat sentitu dut: Arbonan baziren lur biziki ederrak lantzeko. Senperen oihana zen nagusi, eta ziren lurrak etxetik urrun ziren; ez zen argi laborantzako zer balio zuen. Laborariek kostaldeko etxe arazo gisa ikusi dute hori. Senpereko kolektiboa eta Ostia dira egon nagusiki, beraz? LEMAIRE: Gazte eskasa sentitu dut, bilkuretako jendeen adina ikusita. BEIRIE: Ene belaunaldiko betiko militanteak baziren zuen belaunaldikoak baino gehiago. BIBENS: Hori segur. Erran da eroslea bertakoa izateak jende franko uzkurtu dituela. BEIRIE: Erosleak ezagunak dira Donibane Lohizunen: hori izan da konplikatua. BIBENS: Tokiko euskal munduko jende anitz, ikastolaren hurbilekoak, ez ditugu ikusi. BEIRIE: Donibane Lohizuneko militante anitz ez ditugu ikusi. Ez berdeak, ez abertzaleak —ezkerreko edo eskuineko—. Politikariak Arbonarat joan ziren; hor, ez dira agertu. BIBENS: Politikariek ez dute etorri nahi, bai baitakite bestela guk dugula egutegia eta tempoa inposatzen. Nahi lukete atxiki erritmoaren jabetza. Okupazioarekin ez dute nahi gure gibeletik ibili. BEIRIE: Elkargoan kostaldekoak dira manatzaileak. Eta ez dira langile xume batzuk. BIBENS: [Jean-Rene] Etxegarai erdian da, inguruan edo Errepublikanoak edo abertzaleak dituela. Abertzaleek erraten dute: “Edo ni edo Errepublikanoak”; eta Errepublikanoek: “Edo ni, edo abertzaleak”. Hortik du itsasontzia atxikitzen. Noiz arte? Preseski, zergatik Etxegarai ez da sartu auzi horretan, Arbonakoan sartu bazen? BIBENS: Lurralde hauteskundeak ziren orduan; eta Arbonan [erosleak] kanpotarrak ziren. Errazago zitzaion kontra izatea. [Isabelle] Pargade ere presentatu zen lurralde bozetan, eta Etxegarairen hurbileko [Joseba] Erremundegi ere hor zen. Ez zen Senaturako bozen ber pisua, beharbada. Eta Arbonan politikariak sartu zirelarik dantzan, errazago izan zen. BEIRIE: Baina espekulazioa da katastrofikoa! Badakigu etxe bat edo etxalde bat milioi batean, bian edo hiruan saltzen delarik prezio guziak gora joaten direla. Norentzat izanen da gure herria laster? Dirudunentzat bakarrik? Lur eta etxe guziak salduak izanen direlarik, izanen direa oraino manifak autodeterminazioa edo independentzia aldarrikatzeko? Jendea usatzen ari da? BEIRIE: Bi urtez prezioak gora joan dira, eta orain milioi batentzat ez zara mugitzen. Etxe arrunt bat milioi bat kosta da, orain. Kanbon ikusten dut apartamentuak zenbatean saltzen diren: 300.000 euroan baduzu sukalde bat, gela bat eta komunak, hirugarren estaian, igogailurik gabe. Jendea usatu da, bai. BIBENS: Entzun dugu: “Hola da! Prezioak holakoak dira”. “Eta, oraino, merkea da, zeren eta badira bi hektarea pentze, bi hektarea laku eta oihana”. Milioi bat eta erdi hainbeste lurrekin onargarriagoa da, omen. Lurrak diru balio bat du, orain. Baina, laborariarendako, lurra laneko tresna da. BEIRIE: Eta Arbonari konparatuz, uste dut parean ditugunek asko ikasi dutela handik. Saltzaile, erosle eta notarioek diozu? BEIRIE: Erantzukizuna saltzaileak du —erosleak ere bai, bistan da—, eta notarioak joko horretan sartuak dira; haiek ere, diruarentzat. Salatu duzue balizko laborantza egitasmo batekin beztitu zuela erosleak Olhako tratua? BEIRIE: Badakigu Telleria familiak [Adam saltegiko jabeak] ez duela laborantza proiekturik. Zeren eta Donibane Lohizunen badira proiektu batzuk: itsas hegia gibelka ari da. BIBENS: Pentze horiek erosiz [Olhakoak], eta itsas hegiko etxeak arriskuan izanez, sortzen du etxerik gabeko gune bat, Ahetzeri datxekiola; beraz, gune hori eraikigarri bilakatzen ahalko da hamar urte barne. Eta Akotzeko ekonomia eremua ere mugituko litzateke gune horretara. BEIRIE: Beraz, egun batez milioi hori errekuperatuko du, segur. Espero dut aski luzaz biziko naizela ikusteko. Min egiten didana da nola jendea ez den konturatzen holako gauzak ez direla gehiago onargarriak. Senpereko espekulazioaren kontrako taldea indartu da? BIBENS: Lehenagotik hasiak ginen. Izan zen Ibarrune auzoko etxe salmenta baten salaketa. Olharekin berpiztu da taldea, eta espero dugu berriz abiatuko garela. Jendea usatu dela diozue. Nola ikusten duzue segida? BEIRIE: Nahi eta nahi ez mugimendua segitu beharko dugu. Olharekin ikasi dugu guk ere gure ekintzak azkartu behar genituela. Parean ditugunak biziki determinatuak dira: dirua, legea, dena beren alde dute, iduriz. Baina guk nahi dugu gure lurra salbatu. Ondoko hilabeteetan, gure determinazioa erakutsi beharko dugu, gure ekintzak azkartuz. Prest direnek atorra busti beharko dute. Sentitzen dugu jendea hurbiltzen. Pentsatzen dut kopurua handituko dela, gazteak ere borroka horretan sartuko direla. Ez dugu beste hauturik BIBENS: Zailtasun handiz ari gara doi-doia hizkuntza atxikitzen. Orain, lurralderik gabeko euskal populua izateko baldin bada… LEMAIRE: Duela bi aste, ELB Gaztek artikulu bat idatzi du Laborari-n pixka bat gure kontra. Gure azken ekintza ez dute ulertzen; diotenez, ez da deus atera ez Arbonatik, ez Senperetik; ez dugula deus irabazi. Haiek prest direla egiazko borroka azkarragoan sartzeko, eta borrokan sartzen badira, irabazteko izanen dela. Laborantza arloaz harago, funtsezkoena ez ote da herritar talde guziek bat egitea? BEIRIE: Egia da beti dugula iduripena laborarien eremuan sartzen garela. BIBENS: Espekulazioarekin, laborariak, ikastola munduko jendeak, marinelak… denak Euskal Herrian bizi gara, eta badugu lokari hori: denak herri berean bizi gara, eta denen arazoa izan behar litzateke. Euskaltzale guziek behar genuke batu. LEMAIRE: Segur da urrunago joan behar dugula eta erradikalago izan. Confederation Paysanne sindikatuak, bere garaian, sortu zuen Faucheurs Volontaires [Epaile Boluntarioak]. Legez ahal bezain urrun joanak ziren [transgenikoen aurka], blokeo bat ikusi zuten, eta beste zerbait sortu zuten, ondoan. Nahi zuena sartzen ahal zen, eta ibili zen. BIBENS: Dena den, sindikatuak momentu batez kokatuak dira legezkotasunarekin. Gizarte zibila da hori leherrarazten ahal duena. LEMAIRE: Lurzaindia ezin da urrunago joan. Beharrezko tresna da, eta, orduan, ezin da urrunegi joan, sos publikoak eta funtzionamendua galduko bailituzke. Eta Lurzaindia ezin da desagertu; anitz galduko genuke. BIBENS: Gizarte zibilak politikariak mugiarazi behar ditu. Etxegarai bati galdegin behar zaio nola izan daitekeen Euskal Herriko Laborantza Ganberaren abokatua egun batez eta Aldayrena beste egun batez. Zango zabaltze handia egiten du, beti. LEMAIRE: Falta da tresna bat etxebizitza eta lur eraikigarrien salmentetan: notifikazioak. Laborantzan bada. Edozein laborantza lur saldua bada, badakigu, notarioa behartua baita jakinaraztera. Informazioa gerla da. Informazioa bildu behar da. Aipatu izan dugu barrandari lana egitea bakoitzak bere herrian, afera bat atera orduko zerbait egiteko. BEIRIE: Laborari gazteekin biltzeak balio luke.
2023-9-29
https://www.berria.eus/albisteak/233391/emilia-malaga-izango-da-lhk-ko-presidentea.htm
Ekonomia
Emilia Malaga izango da LHK-ko presidentea
Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen burua zen orain arte, eta aurretik UGT sindikatuan ibilbide luzea eginikoa da. Tomas Arrieta ordezkatuko du.
Emilia Malaga izango da LHK-ko presidentea. Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen burua zen orain arte, eta aurretik UGT sindikatuan ibilbide luzea eginikoa da. Tomas Arrieta ordezkatuko du.
Emilia Malaga izango da Lan Harremanen Kontseiluko (LHK) presidentea. Tomas Arrieta aurreko presidenteak erretiroa hartu du, eta Malagak hartuko du haren kargua hurrengo lau urteetan. Malaga Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen burua izan da 2015az geroztik, eta aurretik ibilbide luzea eginikoa da UGT sindikatuan. UGTko berdintasun arloko arduraduna izandakoa da, eta nazioarteko batzordeko kidea. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lan gatazka pribatuak kudeatzeko ardura duen organo horren burua izango da Malaga (Portugalete, Bizkaia, 1971), eta, era berean, erakundea zuzenduko duen lehen emakumea. Zuzenbidean lizentziatua, profil sindikala erantsiko dio karguari. Azken urteetan LHKren jardunak oihartzun handia izan du, bertan konpondu baitira, besteak beste, Bizkaiko zahar etxeen gatazka eta itunpeko eskoletakoa. Presidente berriak une gozo batean hartuko du kargua, LHKren azken txostenaren arabera urtea hasi zenetik 283 lan hitzarmen berritu baitira, eta 175.282 langilek jaso dute itun berritu batek ematen duen babesa. Horri esker, bikoiztu egin da lan hitzarmen berritua duten langileen kopurua: 345.107 ziren abuztuaren amaieran, itunpeko beharginen %56,8. Arrietaren ordezkoa aurkitzea ez da erraza izan. Aurreko presidenteak 2008tik zeraman karguan, eta hainbatetan saiatu zen uzten, baina ez zen beste hautagairik egon. Bere ibilbidearen errepasoa egin zuen ekainean BERRIAri emaniko elkarrizketan.
2023-10-1
https://www.berria.eus/albisteak/233392/loiutik-aebetara-aire-bide-zuzena-izateko-itxaropena-ez-dut-galtzen.htm
Ekonomia
«Loiutik AEBetara aire bide zuzena izateko itxaropena ez dut galtzen»
Markak hautsita ospatu du 75. urteurrena Bilboko aireportuak. Bilbao Air arduratzen da Loiu beste aireportu batzuekin lotuko duten bide berriak lortzeaz. Bizkaiko enpresen beharrak asetzen ahalegintzen direla esan du Ines Zalbide zuzendariak.
«Loiutik AEBetara aire bide zuzena izateko itxaropena ez dut galtzen». Markak hautsita ospatu du 75. urteurrena Bilboko aireportuak. Bilbao Air arduratzen da Loiu beste aireportu batzuekin lotuko duten bide berriak lortzeaz. Bizkaiko enpresen beharrak asetzen ahalegintzen direla esan du Ines Zalbide zuzendariak.
1948ko irailaren 19an aireratu zen lehen hegazkina Bilboko aireportutik. Egun hartan inauguratu zen Sondikako terminala; 2000. urtean hartu zion lekukoa Loiukoak. «Abiadura handiko trena iristen ez den bitartean, Bilboko aireportua ezinbestekoa da, portua den legez. 75 urte hauetan aireportua hor izan ez bagenu, Bizkaiko ekonomia bestelakoa izango zen», esan du Bilbao Air-eko zuzendari Ines Zalbidek (Bilbo, 1967). Bilboko Merkataritza Ganberak eta erakunde publikoek elkarlanean eratutako erakundea da Bilbao Air, aireportua sustatzeko eta indartzeko.
2023-10-2
https://www.berria.eus/albisteak/233393/bertze-aldekoak-altxarazteko.htm
Bizigiro
Bertze aldekoak altxarazteko
Esan Erran irratiak 25 urte bete ditu. Ametza kultur elkarteak jarri zuen martxan hedabide hori, 1998an. Garazi Zabaleta eta Itziar Perez dira irratiko esatari eta arduradun, eta urteurrena baliatu nahi dute eskualdeko herritarrak irratira hurbiltzeko: «Entzun eta parte har dezatela».
Bertze aldekoak altxarazteko. Esan Erran irratiak 25 urte bete ditu. Ametza kultur elkarteak jarri zuen martxan hedabide hori, 1998an. Garazi Zabaleta eta Itziar Perez dira irratiko esatari eta arduradun, eta urteurrena baliatu nahi dute eskualdeko herritarrak irratira hurbiltzeko: «Entzun eta parte har dezatela».
Bere bidea hasi zuen toki berean bete du Esan Erran irratiak mende laurdena: Basaburuko udaletxeko ganbaran, Jauntsaratsen. Astelehenean, bertze denboraldi bat abiatu zuten han Itziar Perez Argomaniz (Altsasu, 1999) eta Garazi Zabaleta Urkiola (Leitza, 1989) esatari eta arduradunek. Perezek bost urte egin ditu irratian; Zabaleta, berriz, duela lau urte ailegatu zen hedabide horretara. Orain, 25. urteurrena ospatzen hasi dira, herritarrak irratira hurbiltzeko: “Gure asmoa da entzule eta parte hartzaile izan daitezela; Esan Erran izan dadila herritarren proiektu bat”. Entzuleak, bertze aldean daudenak altxarazi nahi dituzte, eta irratira mugitu. Larunbatean egin zuten Esan Erran irratiaren 25. urteurrenerako lehen ekitaldia, Ultzaman, Basaburuan eta Imotzen: Omen kolektiboak jazz musika eraman zuen udalerri horietara. Bihar, bertso saio musikatu bat eginen dute Odietan, eta urriaren 21ean, azkenik, urteurren besta, Atetzen. Gainera, abendurako, irratiari buruzko dokumentala prest izan nahi dute Perezek eta Zabaletak. Aritz Gorostiaga zinemagilearekin ari dira lanean. Esan Erran irratiko kideek atzera egin nahi izan dute so, proiektua garatzeko urratsak oroitzeko, eta urrats horiek egin zituzten herritarren bultzadari balioa emateko. “Irratiak hutsune bat bete zuen; jendea inplikatu eta mugitu zen Esan Erran martxan jartzeko. Egindako lan horrek garrantzirik ez duela pentsa dezakete askok orain, baina izan zuen, eta badu”, erran du Zabaletak. 1990eko hamarkadaren bukaeran, hainbat ziren eskualdez eskualde Nafarroan sortutako irrati proiektuak —Karrape, Xorroxin, Aralar…—, eta loraldi horrek eragin zuen Esan Erran abiatu zuen bultzada ere. Ordukoak ongi oroitzen ditu Txari Eletak (Anue, 1973); irratia sortzeko prozesuan parte hartu zuen, eta lehendabiziko esataria izan zen, gainera, Fermin Gartxitorenarekin batera. “Oso oroitzapen politak ditut”, erran du Eletak. Ultzamako AEK-ko arduraduna zen irratian hasi baino lehen. Batzorde bat sortu zuten, Ultzaman eta inguruan euskara bultzatzeko. Ametza kultur elkartea osatu zuten bultzada horri esker, eta elkarte horrek abiatu zuen Esan Erran martxan jartzeko prozesua. “Kontzertuak antolatzen genituen, eta irratiak hartuko zituen udalerri guztietan laguntzak eskatzen genituen, lanean hasi ahal izateko”, oroitu du Eletak. Esan Erran Imotzen, Basaburuan, Ultzaman, Anuen, Atetzen eta Odietan entzuten da, eta udalerrion berri ematen du. Hasierako “kezkak” Lehen eguneko urduritasuna gogoan du Txari Eletak; lehendabiziko erreportajearen mamia ere bai: Eleta eta Gartxitorena Jose Manuel Lasarte apaizarekin mintzatu ziren, hura izan baitzen, 1958. urte inguruan, Berueten Nafarroako euskarazko lehen irratia martxan jarri zuena. “Haren etxean egon ginen, eta sekulako lana hartu genuen erreportajea prestatzeko. Hasieran denbora pila kostatzen zitzaigun esanak moztea, baina lan polita egin genuen azkenean!”. Eletak aitortu du, halere, “kezkaz beteta” hasi zuela bere bidea Esan Erran irratian. “Hasiera ez zen erraza izan; jendeak ohitu behar izan zuen irratira”. Eleta eta Gartxitorena bizpahiru hilabetez aritu ziren Iruritan Xorroxin irratiko lankideekin ikasten. “Baztanen nonahi entzuten zen Xorroxin; taberna batera joan, eta irratia entzuten zen, eta entzule askok deitzen zuten egunero. Gure eskualdean, baina, egoera bestelakoa zen”. “Egonen al da norbait beste aldean? Etengabe egiten genion galdera hori geure buruari”, gogoratu du Eletak. Zabaletak eta Perezek ere, 25 urte joan eta gero, kezka bera dutela aitortu dute. “Hutsen bat egiten dugunean, baina, beti bada norbait zerbait esateko prest!”, erantsi dute. “Estudiotik atera eta ondoko tabernara kafea hartzera joaten garenean ere, bada egun horretan rantxerarik jarri ez dugula gogoratzen digun entzulerik!”. Zabaletak Leitzatik egiten du egunero joan-etorria Esan Erranen aritzeko; Perezek, berriz, Olatzagutitik. Lantoki duten eskualdean, halere, aurkitu dute euren tokia, eta irratiak duen kolaboratzaile sare zabalari esker —hogei baino gehiago dira, denera, eskualde osoan—, lortu dute entzule dituzten herritarren egunerokoaren parte izatea. Tokiko informazioari duen balioa aitortzen ikasi dute, eta garbi dute orain ez luketela aldatuko. Esan Erranen duten askatasuna nabarmendu dute, eta askatasun horrek eraman dituela bide berriak probatzera. Estudiotik ateratzeko ahalegina egin dute, adibidez, eta herriz herri joan dira bizikleta baten gainean jarritako bozgorailu batekin irratia entzuleengana eramateko. “Hamaika ideia bururatzen zaigu; denak ez dira ongi ateratzen, baina saiatzea da kontua”, nabarmendu du Perezek, barrez. Bide malkartsua Duela mende laurden bat hasitako bidea malkartsua izan da. Proiektua martxan jartzeko bidea hasi zutenean ere, zenbait erakundek ez zuten euskara hutsezko irratirik nahi eskualdean. Ultzamako Udalak, adibidez, irratiak euskaraz eta gaztelaniaz emititu behar zuela exijitu zuen, diruz laguntzeko. “Ez genuen onartu, eta Ultzamako Udalaren laguntza gabe gelditu ginen”, oroitu du Txari Eletak. Ez da hori izan 25 urteotako arazo bakarra; zenbait urtez, oztopoek erabat isildu dute Esan Erran irratiko esatarien ahotsa. 2012an, Nafarroako Gobernuaren murrizketen ondorioz, Ametzak Esan Erran isildu behar izan zuen. Gobernuak laguntzarik gabe utzi zuen. Irratia isilduta, Ametzak Pulunpe aldizkariari eutsi zion. 1992an kaleratu zuten lehen zenbakia. Zabaleta eta Perez aldizkaria osatzeaz ere arduratzen dira. Pulunpe-ko eta irratiko edukiak, gainera, Amezti.eus webgunean jartzen dituzte. Irratiz ez ezik, online ere bada Esan Erran entzuteko aukera. Irratiaren garairik zailenetan, herritarrak saiatu dira hedabide horri eusten. 2012an, irratian zegoen langile bakarra kanporatu behar izan zuten, laguntzarik gabe gelditu eta gero; ondorioz, gazte talde bat hasi zen saioak egiten. 2017an berriz eten zuten Esan Erranen emisioa; 2019an lortu zuten berriz aireratzea, eta ez da berriz isildu. Garazi Zabaleta eta Itziar Perez astelehenetik ostiralera aritzen dira, Basaburuko udaletxeko ganbaratik. Ordubeteko saioa egiten dute zuzenean, baina 24 orduz emititzen dute, Arrosa irrati sareari esker. Esatariek proiektua sendotzeko baliatu nahi dute 25. urteurrena. Herritarrak deitu dituzte parte hartzera; euren saioak sortzera; Esan Erran denen egitasmo bilakatzera. EGITARAUA Urriak 7. Bertso saio musikatua: Maialen Lujanbio, Nerea Ibarzabal, Julio Soto, Ixak Arruti eta Gari Ota- mendi. Odietako Santurbe baselizan. Urriak 21. Egun osoko urteurren besta: bazkaria, La Jodederaren kontzertua. Atezko Eritzegoitin.
2023-9-29
https://www.berria.eus/albisteak/233394/minidisc-gailu-bat-jauntsaratsen.htm
Minidisc gailu bat Jauntsaratsen
Minidisc gailu bat Jauntsaratsen.
"Ez ahaztu minidiska!”. Kazetari guztiok aditzen genuen ohartarazpen hori, bitan edo hirutan gutxienez, estudiotik atera aurretik. Minidisc gailua, Larraintzarko pestetan korte batzuk hartzeko, Aizarozko ostatuan bertso saio bat grabatzeko edo Autzan elkarrizketa bat egiteko. Dena, soinu oro, adierazpen oro, gertakizun oro, probetxugarri izan zitekeen hurrengo goizeko magazinean emateko. Eta kazetariak gertu egon behar zuen hura minidiskean jasotzeko. Izan ere, garai hartan, Esan Erran irratian lan egitea ez zen soilik esatari izatea: goizeko egunkariei erreparatzea zen; Iraizozko edo Lantzeko gasolindegietara deitzea istripu bat gertatu zelako edo errepidea moztuta zegoen jakiteko; teknikari lanetan laguntzea, elurragatik teilatuko antena mugitzen zen bakoitzean; edozein gairen inguruan tartarrean aritzea, Beleixe eta Aralar irratiekin batera egiten genituen solasaldietan. Eta, bai, esatari izatea ere bazen: mikrofono aurrean jartzea eta entzuleei istorioak kontatzea, hurbiletik, goxo, belarrira. Horretan maistra eta maisu izan ziren hainbat lankide eta lagun, Esan Erran irratian eman nuen denboran. Tania Arriaga, Txari Eleta, Iñigo Astiz, Jule Goñi, Maitane Burusko… Denek asmatu zuten baliabide oso urriekin kalitateko irratia egiten, eta, Jauntsarasko ganbara batean apailatutako estudio ñimiño horretatik, euskarazko eskaintza komunikatibo oso eta gertuko bat eskaintzen. Berriki, estudioa bisitatzeko aukera izan dugu irratian aritutako zenbaitek. Agerikoa da egungo lankideek ere garai bateko espiritu autogestionatuari eusten diotela. Eta, jada inork erabiltzen ez duen arren, minidisc gailua hor dago oraindik.
2023-9-29
https://www.berria.eus/albisteak/233395/animalien-ongizaterako-legea-indarrean-sartu-da-hegoaldean.htm
Gizartea
Animalien Ongizaterako Legea indarrean sartu da Hegoaldean
Animalia domestikoak abandonatzen dituztenak zigortu ahalko dituzte legearen bidez, eta debekatuta egongo da animaliak ikuskizun publikoetarako erabiltzea, baina salbuespen asko izango dira.
Animalien Ongizaterako Legea indarrean sartu da Hegoaldean. Animalia domestikoak abandonatzen dituztenak zigortu ahalko dituzte legearen bidez, eta debekatuta egongo da animaliak ikuskizun publikoetarako erabiltzea, baina salbuespen asko izango dira.
Animalien Ongizaterako Legea gaur sartu da indarrean Hego Euskal Herrian. Espainiako Diputatuen Kongresuak onartutako lege horren helburua animalien eskubideak bermatzea da, baina ez animalia guztienak: ehiza txakurrak salbuetsi dituzte, besteak beste. Animalia domestikoak abandonatzen dituztenak zigortu ahalko dituzte legearen bidez, eta debekatuta egongo da animaliak ikuskizun publikoetarako erabiltzea, «gehiegizko lana» egitera behartzea eta, azken finean, haiei jazartzea. Gutxieneko zigorrak 500 eurokoak izango dira, eta 200.000 eurorainokoak izan daitezke. Legeak aurreikusten du animalien jabeek ikastaro bat egin beharko dutela eta maskotek erantzukizun zibileko aseguru bat izan beharko dutela, baina bi neurri horiek oraindik ez dira derrigorrezkoak izango. Izan ere, Espainiako jarduneko gobernuak ezin izan du onartu horiek indarrean sartzea baimenduko duen araudia. Animalien ongizatea «zalantzan» dagoen uneetan baimenduta egongo da eutanasia, baina albaitari baten onespenarekin. Animalia domestikoak ezingo dira begien bistatik galdu hiru egunez baino gehiagoz; txakurrekin, 24 ordukoa da muga. Gainera, animaliak ja ezingo dira dendetan erosi; haztegietan soilik. Abandonatutako animaliak sakrifikatzea ere debekatuta dago. Ehiza txakurrak arau horietatik salbuetsi dituzte, baina ez dira bakarrak. Artzain txakurrei ere legeak ez die eragingo, eta ez dituzte debekatu zezenketak eta galgo lasterketak; hipika ere ez. Espainiako Gobernuak egin duen legeak zehazten du debeku horietatik kanpo egongo dela, gainera, Espainiako legioaren ahuntza; hispanitatearen eguneko desfilean atera ahalko dute legionarioek. Bestalde, Eguberrietako jaiotza bizidunetan egoten diren mandoak eta astoak ere antzerki horien parte izan ahalko dira aurrerantzean ere. Espainiako Gobernuko Eskubide Sozialen eta 2030 Agendaren Ministerioak ondu du legea, eta Ione Belarra ministroak defendatu.
2023-9-29
https://www.berria.eus/albisteak/233396/laquogizartearen-ezinegona-artifizialki-elikatzen-dutenakraquo-salatu-ditu-urkulluk.htm
Politika
«Gizartearen ezinegona artifizialki elikatzen dutenak» salatu ditu Urkulluk
Nueva Economia foroan egindako hitzaldian esan du horrelako jarrerek ateak zabaltzen dizkietela «populismoari eta demagogiari».
«Gizartearen ezinegona artifizialki elikatzen dutenak» salatu ditu Urkulluk. Nueva Economia foroan egindako hitzaldian esan du horrelako jarrerek ateak zabaltzen dizkietela «populismoari eta demagogiari».
Bilboko Nueva Economia foroak denboraldi berria abiarazi du, eta, ohitura duen gisan, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluren hitzaldi batekin ireki du hitzaldi sorta berria. Urkulluk nabarmendu nahi izan du azken hamarkadan Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak «aurrera» egin dutela, eta galdetu du zergatik eragile batzuek «irudi katastrofista» eta «laino beltzez betetako Euskadi baten ideia» sustatzen duten «onura politikoa lortzeko asmo bakarrarekin». Urkulluk «gizartearen ezinegona artifizialki elikatzen dutenak» salatu ditu, eta ohartarazi du bere ustez jarrera horrek «populismoari eta demagogiari» ateak zabaltzen dizkiela. Zenbait datu eman ditu Urkulluk esandakoa berresteko: langabezia tasa hamar urtean %16,6tik %7,4ra jaitsi izana, osasungintzan eta gizarte babesean egindako gastua, pobreziaren inguruko datuak, energia berriztagarrien erabilera handitu izana eta abar. Baina, haren ustez, «jarrera indibidualistak» gailentzen dira «denen ongizatearen» aurrean: «Beti egongo dira kalteturik sentitzen diren pertsona eta gizataldeak, denen ongizatea bilatzen duten erabakiak direla eta». Horren arriskuaz ohartarazi du Urkulluk. Haren ustez, jarrera horiek «populismoa eta demagogia» elikatzen dituzte, eta bereziki «arazo konplexuei irtenbide sinpleak» ematen dizkietenak. Aipatu ez badu ere, ELA egin du Urkulluk bere kritiken xede. Haren ustez, sindikatuaren asmoa da «sistema politikoa» aldatzea: «Beste eredu bat bilatzen dute: gizarte subsidiario bat, funtzionarioz betea eta ekinbide pribatua gaitzesten duena». Esan duenez, gainerako sindikatuek ondo dakite «sindikatu horrek negoziazio kolektiboetan darabiltzan inposizioen berri». Feijooren inbestidura Galderen txandan, gaurkotasun politikoaren gai nagusiak aletu ditu Urkulluk. PPren Espainiako presidentegai Alberto Nuñez Feijooren inbestidura saioari dagokionez, Urkulluk galdetu du zergatik Felipe VI.a erregeak eman zion Feijoori inbestidurara aurkezteko eginkizuna, eta hark zergatik onartu zuen: «Beharbada, Feijooren interes partikularra nagusitu da, eta PSOErentzat ere interesgarria izan zitekeen Feijooren porrotaren irudia ematea, baina herritarrek behintzat ez dute inolako onurarik lortu egoera horretatik». Haren iritziz, hauteskundeak berriro egitea «albiste txarra» litzateke, baina uste du agian PPk eta PSOEk horretan interesa izan dezaketela, «egoera horrek bien arteko polarizazioa areagotuko lukeelako gainerako alderdien kaltetan». Feijook EAJren inguruan egindako adierazpenei buruz, Urkulluk esan du azken bolada honetan «gehiegizko interesa» dagoela EAJren egoeraz, eta horren atzean egon daitekeela EAJren boto emaileak erakartzeko nahia: «Edonola ere, PPk egunotan hizkuntzen inguruan edo estatuaren nazio aniztasunaz egin dituen adierazpenek argi erakusten dute EAJk zergatik eman duen kontrako botoa inbestiduran». Amnistia Legeaz, Urkulluk esan du positibotzat jotzen duela «oraingo egoerari buelta emateko edozein ahalegin, oso ortodoxoa ez bada ere», baina ohartarazi du Katalunian dagoen korapiloak «arazo politikoen judizializazioan» duela iturburua: «Horren ondorioak ordaintzen ari gara oraindik. Horrek ez zuen gertatu behar. Ez zuten inor auzipetu behar politikoa den auzi batengatik». Jokin Bildarratz sailburuari «babes osoa» adierazi dio, eta eskola garraioaren adjudikazioaren inguruko polemikaz esan du adjudikazioak eta kanpoko bulego bati txosten juridiko bat eskatu izanak ez daukatela elkarrekin «zerikusirik». Hala ere, onartu du administrazioak «kontu handiagoz» jardun behar zuela «okerreko interpretazioei bide ez emateko».
2023-10-2
https://www.berria.eus/albisteak/233397/betikoek-itxi-dute-atea-betiko.htm
Ekonomia
Betikoek itxi dute atea, betiko
Merkataritza txikia indarra galtzen ari da; horren erakusgarri da azkenaldian pertsianak betiko jaitsi dituzten denda txikien ugaritzea. Fenomeno horren beste aldean dago frankizien eta saltoki handien etengabeko ugaritzea, hori guztia globalizazioarekin lotuta. Gipuzkoan ere nabarmena da aldaketa.
Betikoek itxi dute atea, betiko. Merkataritza txikia indarra galtzen ari da; horren erakusgarri da azkenaldian pertsianak betiko jaitsi dituzten denda txikien ugaritzea. Fenomeno horren beste aldean dago frankizien eta saltoki handien etengabeko ugaritzea, hori guztia globalizazioarekin lotuta. Gipuzkoan ere nabarmena da aldaketa.
Enpresari handien jabetzako frankiziak zein saltoki handiak hasi dira azken urteetan Gipuzkoako hiri eta herrietako kaleak blaitzen. Geroz eta gehiago dira, aldiz, ateak itxi dituzten denda txikiak: hamarkadak zabalik izan ondoren Interneten uretan ito direnak, edo, erretiroa hartu ondoren, negozioan jarraitzeko inor aurkitu ez dutenak. Asko dira hango eta hemengo txokoetako dendariek eman dituzten arrazoiak. Azpeitiko Nerea eskulanak dendako dendaria «Interneten asko saltzen da, eta dendetan jaitsi egin da bezero kopurua» Rosarito Ibaietak (argazkian, ezkerretik hasita bigarrena) duela 57 urte zabaldu zituen lehen aldiz Nerea eskulanak dendako ateak, Azpeitian. 21 urte zituen garai hartan, eta barruko arropa, etxeko arropa zein artilea saltzen zituen gehienbat. 11 urte gazteagoa zuen Marian ahizpa (argazkian, ezkerretik hasita hirugarrena); dendan laguntzen zion, eta 22 urterekin hasi zen hura ere lanaldi osoz. Orduz geroztik, biek egin izan dute bertan lana, baita haien bi ahizpek ere. Rosarito erretiratu zenean, Marianek jarraitu zuen dendarekin, irail honetan itxi duen arte. Ez dute aurkitu negozioan jarraituko duenik, eta, eraikinak erabilgarri jarraitzeko, berrikuntzak behar ditu. “Lokala zaharra da, eta, horregatik, eskualdatzen hasteko ere arazoak izan ditugu. Pena handia eman digu, pentsatzen genuelako gazteren batek hartu eta pixka bat lagunduta negozioa aurrera ateratzeko moduan zegoela”, azaldu du Marian Ibaietak.Aitortu du dendan lan egitea “oso polita” izan dela, baina azken urteetan “konplikatu” egin dela Internet bidezko salmenta dela eta: “Internetetik asko saltzen da, eta dendetan nabarmen jaitsi da bezero kopurua. Hasi ginen Interneten ere gauzak saltzen, baina ez zuen funtzionatu”. Salgaiak ere aldatu behar izan zituzten, etxerako arropak Internet bidez asko erosten dituztelako bezeroek: “Garai batean, asko saltzen genituen, eta, orain, batere ez. Horregatik, eskulanak saltzen hasi ginen”. Bustinzuriko errebalean egon da Nerea denda, eta ez da han azkeneko urteetan itxi duten denda bakarra, batzuek itxi dutelako. “Gure denda itxi ondoren, kale osoan arrandegi bat eta okindegi bat baino ez dira geratzen. Lehen bazeuden arropa denda bat, harategia…; denda pila bat zegoen, baina denak itxi dituzte”, esan du Marian Ibaetak. Arrasateko Olgeta jolas dendako dendaria «Gaur egungo denda fisikoen alokairuak oso garestiak dira» Itsaso Pagoaga Endika Portillo, Foku 2015. urtean zabaldu zuen Itsaso Pagoagak Olgeta jolas denda, Arrasaten, eta aurtengo maiatzean itxi du; zortzi urte horietan, ordea, jolas denda arrunt bat baino gehiago izan da espazio hori. “Jostailu denda fisiko bat izateaz gain, argi neukan beste zerbait ere izan behar zela: alokatzeko aukera emango zuen espazio bat, baita tailerrak edo formakuntzak ematekoa ere”, dio Pagoagak. Denda fisikoarekin batera sortu zuen online denda, eta sare sozialen bidez egin zen ezagun Euskal Herrian. Olgeta denda, ordea, beste arrazoi batzuengatik itxi zuten: arrazoi pertsonalak eta ekonomikoak aipatu ditu dendariak. Batetik, gaur egungo “komertzio eredua” eta amatasuna uztartzeko “zailtasunak” ikusten ditu Pagoagak, eta, alde ekonomikoari dagokionez, luze gabe ez ditu gauzak “argi” ikusten: “Kontsumo ohiturak asko aldatu dira. Azken urteetan joera handia igarri dut plataforma handiei erosteko, edozein preziotan eta arreta jarri gabe materialaren kalitateari, material hori egiteko dauden lan baldintzei…”. Horrez gain, alokairuen prezioak “berrikusteko” beharra azpimarratu du: “Gaur egungo denda fisikoen alokairuak oso garestiak dira”. Hain zuzen, uste du komertzio txikien auziari “modu kolektiboan” erantzun behar zaiola: “Udalek eta lokalen ugazabek berrikusi behar dituzte arauak, alokairuen prezioak eta bestelakoak, dendek zabalik jarrai dezaten eta herritarrek ere herri biziak izan ditzaten”. 3. CARMEN FUENTE Villabona-Amasako Galerias MJ dendako dendaria «Jende gazteari Internet bidez erakutsi behar zaio materiala» Carmen Fuente. “Nire etxea da. Nire bizitza osoa eman diot”. Horrela deskribatu du Villabona-Amasako Galerias MJ etxeko arropa zein dekorazio denda Carmen Fuente bertako dendariak. Alde batetik bestera dabil azken egunotan, denda uzteko egin beharreko zereginetan. “Ni erretiratu egingo naiz, eta azken hogei urteetan nirekin lanean ibili den lankideak hartuko du denda. 55 urte dauzka. Alokairua eta inbentarioa kobratuko dizkiot, eta, horrela, errazago hasi ahal izango da. Hark denda hartzea nahi dut, eta lagundu egin behar da horretarako; bestela, akabo”. 1945ean ireki zuen denda Fuenteren familiak. “Garai berrietara egokitzen joan da”. Hain zuzen, Internetek ekarri duen aldaketara ere egokitu da denda; Facebook jarri zuten lehenengo, eta Instagram gero. “Etxez etxe joan ohi naiz askotan gortinak eta bestelakoak jartzera, eta egiten dudan guztiaren argazkiak jartzen ditut Instagramen. Jende gazteari Internet bidez erakutsi behar zaio materiala, dendetara ez direlako etortzen. Etortzen dira, esaterako, Instagramen jarri dudana ikusten badute”. Kalerako arropa ere saltzen zuen lehen, baina gortinak online erostea zailagoa zela ikusita, produktu horretan espezializatuz joan da. Negozioak aurrera jarraitzeko, denda utziko dionari bidea erraztea garrantzitsua dela deritzo: “Gure kasuan, biok jarri dugu asko gure aldetik negozioak jarrai dezan, eta espero dut urte askoan zabalik jarraitzea”. 4. IÑAKI GRADO Donostiako Oiartzun izozkitegiko dendaria «Alokairuaren prezioa igo digute, eta ezin diogu igoera horri aurre egin» Iñaki Grado Gorka Rubio, Foku “Donostia frankizien hiri bat bihurtzen ari da; denda tradizionalak ixten gabiltza, eta hiriaren esentzia galtzen ari gara”. Haserre mintzo da Iñaki Grado, Donostiako Oiartzun izozki dendako arduraduna. Haren izozkitegia da ateak itxi dituzten dendetako bat, alokairu handiagatik: “Lokaleko alokairuaren prezioa igo digute, eta ezin diogu horrenbesteko igoerari aurre egin. Jabeak ez du prezioa negoziatu nahi izan”. 1987an zabaldu zuten Oiartzun gozotegia, eta han hasi ziren izozkiak ere saltzen. Urte batzuk geroago, hutsik geratu zen gozotegiaren ondoko lokala, eta alokatu, eta izozkiak bertan saltzeari ekin zioten. “Izozki denda hau ixtearekin batera, izozkia modu tradizionalean egiten duten azken dendetako bat desagertu da, izozkia egiteko lantegi batekin”, dio Gradok. Azaldu duenez, mundu guztitik etortzen zitzaizkion urtero bezeroak, baita maila handiko sukaldariak ere: “Izozki esklusiboak genituen”.
2023-9-29
https://www.berria.eus/albisteak/233398/desabantailan-daude-merkatari-txikiak.htm
"Desabantailan daude merkatari txikiak"
"Desabantailan daude merkatari txikiak".
Soziologia eta Politika Zientzietako doktorea da Jon Joseba Leonardo (Bilbo, 1952), eta hirigintza alorrean espezializatutako ikerketa soziologiko asko egin ditu. Esan duenez, gaur egun globalizazioak merkataritza txikian eragiten du. Azaldu du digitalizazioak eta enpresa handiek izan duten hedapenak nabarmen eragin diotela merkataritza txikiari. Kezkaz begiratu dio denda tradizionalen etorkizunari. Merkataritza txikia beheraka doa, eta ugaritzen ari dira frankiziak zein saltoki handiak. Zer faktorek eragiten dute fenomeno hori? Arrazoi bat baino gehiago dago; gai konplexua da. Hiri zein herri bakoitzeko kasuak aztertu beharko lirateke zehaztasunez esateko, baina badaude guztietan behin eta berriz ageri diren bi faktore munduaren globalizazioarekin zerikusia dutenak: batetik, gaur egun gizarte digitalizatuetan bizi garela; eta, bestetik, saltoki handiak dituzten enpresek indarra hartu dutela eta estrategia erasokorra darabiltela. Nola eragiten dio tokiko merkataritzari bizitzaren digitalizazio horrek? Merkataritza elektronikoak sekulako eragina izan du arlo honetan. Amazon, AliExpress, eta antzeko enpresa handiak sortu dira, eta horiek denda fisikoek baino askoz ahalmen handiagoa daukate merkatua bereganatzeko: prezio apalagoak eskaintzen dituzte, eta irabaziak lortzeko tarte handiagoak. Esan daiteke oligopolio erregimen baten kontrola daukatela. Hala ere, kontsumo ohiturak desberdinak dira adinari dagokionez, ezta? Bai. Merkataritza txikiak oraindik funtzionatzen du 35 urtetik gorako adin tarteetan. Baina hortik beherako herritarrek, berdin du zer sektoretan, online komertziora jotzen dute. Guztiok dakigu merkataritza txikia babestu behar dela, baina liburu baten kasuan, esaterako, erosoagoa da online erostea. Horren ondorio eta adibidea da duela gutxi Donostian Lagun liburu denda itxi dutela. Frankiziek ere arrakasta handia izan dute azken urteotan. Oso estrategia erasokorra dute gaur egun nagusitzen ari diren frankiziek ere; hiri eta kale guztietan han eta hemen ageri dira behin eta berriz. Denda berdina aurki dezakezu Bangkoken eta Donostian. Horien aldean, nola biziraun dezakete denda txikiek? Aditu askok espezializazioa proposatzen dute. Gourmet erako denda bat, esaterako. Baina klase sozial jakin batzuentzako dendak dira horiek. Produktu beganoak saltzea ere izan daiteke beste adibide bat, baina marka handiak ari dira horrelako esparruetan ere sartzen. Orduan, zer dendak lortzen dute aurrera egitea? Turismoaren mundura bideratutakoek, esaterako. Edo kate handiek ordezkatu ezin dituzten komertzioek. Saltoki handien estrategia ere aipatu duzu. Aldatu egin da azken urteetan? Bai. Jada ez dira soilik periferian dauden saltoki handiak; hirietan eta herrietan ere sartzen ari dira, Carrefour Express eta antzeko formulak erabilita. Toki estrategikoetan jartzen dituzte saltoki txikiago horiek, eta bertako merkataritza ezin da horien aurka lehiatu. Balio komertzial zein higiezin handia daukaten eremuetan biltzen dira mota horretako dendak. Alokairuen igoerak ere badauka zerikusia merkataritza txikiaren beherakadarekin. Zer gertatu da alokairuekin? Putre funtsek higiezinen sektorea errentagarritasuna lortzeko oso aukera erakargarria bihurtu dutela. Amancio Ortega [Inditex kate handiko enpresari espainiarra] da horren adibide bat. Sektore horretan jabetza ugari dauzka, eta, putre funtsen bidez, etengabe inbertitzen du hirietako erdiguneetan, eraikin historikoak erosita, gero leku horietan bere saltokiak jartzeko. Beraz, arlo horretan ere desabantailan daude merkatari txikiak. Turismoak ere ba al dauka zerikusirik, adibidez, Donostian eta antzeko hirietan? Donostian zein Bilbon oso lurzoru garestia daukagu, eta horrek zerikusia dauka azken urteotako estrategia turistikoarekin. Euskal Herrian, esaterako, sukaldaritza da erakargarri turistikorik garrantzitsuenetakoa, baina ezin dira guztiak gastroteka erako luxuzko lokalak izan.
2023-9-29
https://www.berria.eus/albisteak/233399/epaitegiak-hamabost-egun-eman-dizkio-eari-kanporatutako-kideak-berriz-onartzeko.htm
Politika
Epaitegiak hamabost egun eman dizkio EAri kanporatutako kideak berriz onartzeko
EAko Nazio Batzorde Eragileak iaz onartu zuen Maiorga Ramirezi eta beste lau alderdikideri afiliazioa lau urterako etetea.
Epaitegiak hamabost egun eman dizkio EAri kanporatutako kideak berriz onartzeko. EAko Nazio Batzorde Eragileak iaz onartu zuen Maiorga Ramirezi eta beste lau alderdikideri afiliazioa lau urterako etetea.
EAko ildo kritikoko kideek jakinarazi dutenez, Gasteizko epaitegiak Eusko Alkartasunari agindu dio alderditik kanporatutako bost lagunak «eskubide osoko afiliatu» gisa onartzeko hamabost eguneko epean. Hala, duela bi aste Arabako Probintzia Auzitegiak ebatzitakoa betetzeko agindu dio alderdiari. Kritikoek gogoratu dute ebazpenean epaimahaiak «baldartzat» jo zuela bost kideen kaleratzea, eta salatu dute EAko zuzendaritzak primarioen balizko errepikapenaren auzia mahai gainean zegoela hartu zuela erabakia. Hala, Eba Blanco alderdiko idazkari nagusiaren, eta Lohitzune Txarola eta Iker Rahola alderdikideen kontra egin dute, argudiatuta «arerio politikoak kanporatzeko» helburua zutela. EAk iazko otsailean lau urterako eten zien afiliazioa Maiorga Ramirez ildo kritikoko buruari eta Iratxe Lopez de Aberasturi, Miren Aranoa, Mikel Goenaga eta Esther Korres alderdikideei; azken horiek EAren Arabako, Gipuzkoako, Nafarroako eta Iruñeko koordinatzaile ohiak dira. Nazio Batzorde Eragileak argudiatu zuen frogatuta geratu zela «Eskubide, Betebehar eta Diziplina Araudian arau hauste larri eta oso larriak egin dituztela». Gainera, epaia plazaratzearekin, EAko zuzendaritzak adierazi zuen epaimahaiak ez dituela zalantzan jarri ildo kritikoko kideei «diziplina espedienteetan egotzitako gertakari larriak», eta «forma akatsetara» mugatzen dela kaleratzeen kontra egiteko.
2023-9-29
https://www.berria.eus/albisteak/233400/euroguneko-inflazioa-apaltzeak-urrundu-egin-du-tasak-igotzeko-aukera.htm
Ekonomia
Euroguneko inflazioa apaltzeak urrundu egin du tasak igotzeko aukera
Eurostaten arabera, inflazioa %5,2tik %4,3ra jaitsi da abuztutik irailera. Hurrengo hilabeteetan ere apaldu egingo dela uste dute analistek, prezioen igoerak iazko udazkenean jo baitzuen goia.
Euroguneko inflazioa apaltzeak urrundu egin du tasak igotzeko aukera. Eurostaten arabera, inflazioa %5,2tik %4,3ra jaitsi da abuztutik irailera. Hurrengo hilabeteetan ere apaldu egingo dela uste dute analistek, prezioen igoerak iazko udazkenean jo baitzuen goia.
Interes tasen igoeraren garaia amaitu dela esateko beste argudio bat dago atzoz geroztik. Eurostaten arabera, euroguneko inflazioa bederatzi hamarren txikitu da abuztutik irailera. %4,3an dago orain, mailarik txikiena 2021eko urriaz geroztik. Gainera, datozen hilabeteetan ere nabarmen behera egitea espero da, inflazioak iazko udazkenean jo baitzuen goia. Diruaren prezioa garestitzeari utzi diote azken bileretan AEBetako Erreserba Federalak eta Ingalaterrako Bankuak, eta hori egiteko asmoa zuela iradoki zuen Europako Banku Zentralak ere, iraileko agerraldian. Edonola ere, Christine Lagarde EBZko buruak atea irekita utzi zuen aurrerago interes tasak gehiago igotzeko, inflazioa kontrolatzeko behar izanez gero. Baina horretarako aukerak urritu egin dira, aspaldiko partez, interes tasa ofizialak inflazioaren azpitik daudelako. Halakorik ez zen gertatu 2016ko otsailaz geroztik. Irailean inflazioa jaistea espero zen, iazko hilabete horretan jauzi handia egin zuelako (%9,1etik %9,9ra). Baina jaitsiera analistek uste zuten baino handiagoa izan da, abuztuko %5,2tik iraileko %4,3ra. Reuterseko galdekatutako ekonomistek, esaterako, %4,5eko tasa espero zuten. Halaber txikitu da azpiko inflazioa, energia eta elikagaiak aintzat hartzen ez dituena: %5,3tik %4,5era. Azken datu horrek erakusten du iraileko jaitsiera ez dela mugimendu bakan bat, eta prezioen igoera indarra galtzen ari dela gorabehera handieneko produktuetatik harago. Energia, merkeago Gertakari larririk ez badago —energiaren munduan, bereziki— hurrengo bi hilabeteetan ere inflazioak beherakada handia izango duelakoan daude adituak. Izan ere, prezioen igoerak goia jo zuen iazko urrian (%10,6) eta azaroan (%10), energiaren garestitzeari batu zitzaiolako elikagaiena ere. Urte arteko inflazioa horrekiko aldea da, eta energia jada merkeago dago. Irailean %4,7 merkeago izan zela esan dute Eurostaten lehen datuek. Janaria, ordea, iaz baino garestiago dago —%6,6 freskoa, eta %8,8 elikagai prozesatuak, alkohola eta tabakoa batuz gero—, baina garestitze hori ere indarra galtzen ari da. Euroguneko herrialde gehienetan jaitsi da inflazioa, baina bereziki inportantea izan da Alemaniako datua: %6,4tik %4,3ra apaldu da. Frantziari dagokionez, Inseek ez du aldaketarik ikusi (%4,9), baina Eurostaten datu harmonizatuan jaitsiera txiki bat izan da, %5,7tik %5,6ra.
2023-9-29
https://www.berria.eus/albisteak/233401/feijook-ez-du-gehiengo-soila-lortu.htm
Mundua
Feijook ez du gehiengo soila lortu
Lehenbiziko bozketan bezala, aldeko 172 boto, kontrako 177 eta baliogabe bat jaso ditu PPko presidentegaiak.
Feijook ez du gehiengo soila lortu. Lehenbiziko bozketan bezala, aldeko 172 boto, kontrako 177 eta baliogabe bat jaso ditu PPko presidentegaiak.
Alberto Nuñez Feijoo, PPko burua, Espainiako Kongresuan da berriz ere, bigarren inbestidura saioan. Gaur, gehiengo soila behar bazuen ere, lehenbiziko bozketaren emaitza errepikatu da, espero moduan: aldeko 172 boto, kontrako 177 eta baliogabe bat. Bozketan, baina, Eduard Pujol Juntseko diputatua erratu egin da: Feijooren aldeko bozka eman du lehenbizi, eta, gero zuzendu egin badu ere, baliogabetzat jo dute boto hori. Espainiako Erregeak aukeratutako hautagaiak gehiengo osoa lortzen ez duenean, lehenbiziko bozketa egin eta 48 ordura izaten da bigarrena. Espainiako Konstituzioko 99. artikuluak hala zehazten baitu. Francina Armengol Kongresuko presidenteak emaitzaren berri eman bezain laster, Espainiako Erregeari dagokio gobernua osatzeko hautagai berria aukeratzea. Zeina, seguruenik, Pedro Sanchez PSOEko presidentegai eta Espainiako Gobernuko jarduneko presidentea izanen den. Egoera edozein dela ere, Feijook erran du bere alderdia ez dela Sanchezen inbestidurara abstenituko: «Ez eskatu zuek egin ez duzuena». Horrez gain, Salvador Illa PSCko buruak kritikatu egin ditu ERCk eta Juntsek Sanchezen inbestidura babesteko jarri dituzten baldintzak. «Ez da desiragarriena, ez da ez Kataluniak, ez Espainiak behar dutena, baina errealitatea den modukoa da», adierazi du.
2023-9-29
https://www.berria.eus/albisteak/233402/gizon-gipuzkoar-bat-hil-da-espainian-zezen-batek-adarkatuta.htm
Gizartea
Gizon gipuzkoar bat hil da Espainian, zezen batek adarkatuta
Olmedo herrian gertatu da ezbeharra (Valladolid, Espainia), entzierro batean.
Gizon gipuzkoar bat hil da Espainian, zezen batek adarkatuta. Olmedo herrian gertatu da ezbeharra (Valladolid, Espainia), entzierro batean.
Gipuzkoako gizon bat hil da Olmedo herrian (Valladolid, Espainia), zezen batek adarkatuta. Entzierro bat ikusten ari zen 60 urteko gipuzkoarra, eta, hesia gaindituta, lepoa harrapatu zion zezenak. Herenegun gertatu zen ezbeharra, eta bi egun igaro ditu zainketa intentsiboetako unitatean. Gaur hil da.
2023-9-29
https://www.berria.eus/albisteak/233403/ingeteamek-sesmako-fabrika-handitu-du.htm
Ekonomia
Ingeteamek Sesmako fabrika handitu du
Energia berriztagarrietarako teknologiak ekoizten dituzte Nafarroako lantegian. Euskal multinazionalak mila langile inguru ditu lurralde horretan.
Ingeteamek Sesmako fabrika handitu du. Energia berriztagarrietarako teknologiak ekoizten dituzte Nafarroako lantegian. Euskal multinazionalak mila langile inguru ditu lurralde horretan.
Ingeteamek Sesman (Nafarroa) duen ekoizpen planta handitu du. Energia berriztagarrien sektorerako ekipoak ekoizten dituzte han, eta, konpainiak azaldu duenez, pabiloi berriarekin produkzio ahalmena handitzea aurreikusten du. Energiaren alorrean erreferentzia bat da Ingeteam. Zamudion (Bizkaia) du egoitza nagusia, eta taldeak 21 herrialdetan ditu lantegiak. Konpainiak lotura estua du Nafarroarekin, mila langile inguru ditu han —taldearen %20 inguru—, Sarrigurengo bulegoen, Uharteko potentzia laborategiaren eta Sesmako lantegiaren artean banatua. Datorren urtean, gainera, Sarrigurenen I+G ikerketa eta garapenerako laborategi berri bat jartzeko lanak hasiko dituzte. Elkarrizketa. Teresa Madariaga. Ingeteameko presidentea: «Auto elektrikoa bost minutuan kargatzea da helburua» Sesmako lantegiak, halaber, esanahi berezia du konpainiarentzat. 25 urte bete ditu aurten. Han egin zituzten Nafarroan jarri ziren lehen bihurgailu eolikoak, Erreniegan. Gaur egun, Ingeteam energia eolikoko bihurgailuen munduko lehen hornitzaile independentea da. Konpainiaren lehen inbertsore fotovoltaikoak ere han egiten hasi ziren. Horrez gain, energia biltegiratzeko teknologiak garatzen ari dira. Azken hamahiru urteetan, Ingeteamek 25.500 kargaleku baino gehiago fabrikatu ditu ibilgailu elektrikoentzat. Azken urteetan, hidrogeno berdearekin loturiko teknologiekin ere ari dira lanean.
2023-9-29
https://www.berria.eus/albisteak/233404/asun-garikano-euskaltzain-oso-izendatu-dute.htm
Gizartea
Asun Garikano euskaltzain oso izendatu dute
Euskaltzaindiak gehiengo osoz hautatu du irakasle, itzultzaile eta idazle tolosarra, Nafarroako Parlamentuan eginiko osoko bilkuran
Asun Garikano euskaltzain oso izendatu dute. Euskaltzaindiak gehiengo osoz hautatu du irakasle, itzultzaile eta idazle tolosarra, Nafarroako Parlamentuan eginiko osoko bilkuran
Asun Garikano irakasle, itzultzaile eta idazlea euskaltzain oso izendatu du Euskaltzaindiak, gaur Nafarroako Parlamentuan egin duen osoko bilkuran. Patxi Goenaga euskaltzain emeritu izendatzeak eragindako hutsunea beteko du Garikanok, akademiak gehiengo osoz erabakita. Uztailean amaitu zen epea hautagaiak aurkezteko, eta Garikano izan zen euskaltzainek aurkeztutako bakarra, uztailaren 21ean eginiko bilkuran. Hemendik zortzi hilabetera hartuko du kargua euskaltzain berriak, horretarako propio eginen duten harrera ekitaldian. Asun Garikano Iruretagoiena (Tolosa, Gipuzkoa, 1962) Euskal Filologian lizentziaduna da. Gasteizko Iraleko irakasle eta Eusko Jaurlaritzako EIMAko kide izan zen. Ameriketako euskaldunei buruzko bi libururen egilea da: Far Westeko Euskal Herria (Pamiela, 2009) eta Kaliforniakoak 1533-1848 (Pamiela, 2013). Itzultzaile gisa, ingelesetik euskarara itzuli ditu Robert Louis Stevensonen, William Faulknerren, John Steinbecken, Patricia Highsmithen eta beste zenbait egileren lanak; euskaratik gaztelaniara, berriz, Bernardo Atxagaren obra guztiak. Edizio lanaren arduradun izan da Garziarena aldizkarian (1992-1994) eta Euskaltzaindiaren Erlea aldizkarian (2009-2016). Halaber, Bernardo Atxagaren euskarazko eta gaztelaniazko obra guztien edizioaz arduratu da. Gaur egun, Euskaltzaindiak aurten abian jarritako Testu-bankua proiektua gidatzen du.
2023-9-30
https://www.berria.eus/albisteak/233438/madrilen-euskaraz-egin-daiteke-eta-baionan-ez.htm
Politika
«Madrilen euskaraz egin daiteke, eta Baionan ez»
Euskal Hirigune Elkargoan euskaraz aritzeko eskubidea eskatu du Xabi Thikoipe Bil Gaiten taldeko hautetsiak ikasturte honetako lehen batzarrean. Haren ustez, momentua baliatu behar da Frantziako Estatuari eskaerak egiteko.
«Madrilen euskaraz egin daiteke, eta Baionan ez». Euskal Hirigune Elkargoan euskaraz aritzeko eskubidea eskatu du Xabi Thikoipe Bil Gaiten taldeko hautetsiak ikasturte honetako lehen batzarrean. Haren ustez, momentua baliatu behar da Frantziako Estatuari eskaerak egiteko.
Gaur goizean abiatu du aurtengo urte politikoa Euskal Hirigune Elkargoak Baionan. Hasi aurretik, Jacqueline Elixondoborde berriki zenduari omenaldia egin nahi izan dio Jean Rene Etxegarai lehendakariak. Pirinio Atlantikoetako Departamenduko zuzendaria izan zen, Euskal Herriaren ardura zuena. Gaur eginen dituzte haren omenezko elizkizunak, eta hara joatekoa da Etxegarai. Haatik, ez du hitzik izan Mixel Oronoz euskaltzaleari buruz, nahiz eta hura joan den astean zendu zen. Euskal Konfederazioko lehendakari izan zenak lehengo ostiralean eman zuen azken hatsa. 2022ko jarduera txostenaren bozka izan da aztertu duten lehen puntua. Abagune hori baliatu du Xabi Thikoipe Bil Gaiten talde politikoko hautetsiak hitza hartu eta euskararen eta gaskoiaren normalizazioaren beharra azpimarratzeko. Esplikatu du azkenaldian hainbat gertakari izan direla, hizkuntzen gaia mahai gainean jarri dutenak, izan Martinikan, Korsikan edo Katalunian. Berriki Espainiako Kongresuan euskara erabiltzeko emandako baimena eta Espainiako Gobernuak Europari katalana, euskara eta galegoa Europako hizkuntza ofizialak izan daitezen egindako eskaera ere izan ditu hizpide. «Madrilen euskaraz mintza daiteke, eta Baionan ez», deitoratu du. «Uste dugu urrunago joan behar garela, eta momentua baliatu behar dugula elkargoaren izenean Frantziako Estatuari hainbat gauza galdegiteko», adierazi du. Espainiak Europari galdegina baieztatzea, Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna berrestea eta Frantziako Konstituzioaren ondoko erreforma baliatzea 2. artikulua aldatzeko eskatu du hizkuntzen ofizialtasuna mahai gainean jartzeko. «Zenbait inkesta soziolinguistikok eta azken eskola sartzeko datuek erakusten dute: gure herriko etxeetan, elkargoan edo EEPn egiten diren ahaleginak goresgarriak dira, beharrezkoak, baina ez dira aski. Euskaldunak edo gaskoiak izan ala ez, gure hautetsi ardura da lurraldeko hizkuntzen erabileraren normalizazioan parte hartzea. Errepublikako hizkuntzaren errespetu bera merezi dute». Euskara hutsean egin du hitzaldia, eta, ondoren, frantsesez ekin dio, legeak hala eskatzen baitu, errandakoa «fite» errepikatuko zuela azpimarratuta. Berehala eten dio hitza lehendakariak, zorrotz. «Frantsesez hitzez hitz errepikatu behar duzu euskaraz errandakoa». «Lasai, horretara noa», erantzun dio Thikoipek. «Bat bateko itzulpena izanen bagenu, denbora anitz irabaziko genuke». «Pertsonalki, alde» Etxegaraik hartu du hitza ondoren, eta baieztatu du bat egiten duela «oro har» errandako guziarekin. «Europako itunaren berrestea behin eta berriz eskatu dugu», adierazi du. «Koofizialtasuna ez da aho batezko desmartxa; pertsonalki, horren alde militatzen dut, 90eko hamarkadatik Batera plataformarekin». Elkarrekin Herriarentzat taldeko politikoko hautetsi Peio Etxelekuk haren «sostengu osoa» adierazi zion Thikoipek esandakoari: «Anitz urrats eta nahikari politiko falta zaizkigu, zoritxarrez, euskara normaltasun osoz erabiltzeko gure egituretan». Hitz hutsetan gelditu da elkarrizketa, eta ez da bozkarik izan. Euskal Elkargoaren lehen urteko bilana egiteko orduan, euskararen gaia hizpide izan du Nicole Etxamendi Bil Gaiten taldeko eledunak: «Eskolatuak direnen %68k ez dute euskararik. Behar dira zinezko finantzaketak egunerokoan lan konkretua egiten dutenak babesteko». Haren iritziz, borondate politikoa da eskas. «Ez da gehiago zatiketa arrazoi bat, ez da gehiago modaren kontra dela erratea; baina ados izatea desberdina da. Ados ematen ahal ginateke lehendakariari agindua emateko Parisen ofizialtasuna eska dezan». Gaur ez da halakorik gertatu.
2023-9-30
https://www.berria.eus/albisteak/233439/baionako-bestetako-hilketagatik-atxilotutako-zazpiak-akusaziopean-jarri-dituzte.htm
Gizartea
Baionako bestetako hilketagatik atxilotutako zazpiak akusaziopean jarri dituzte
Atzo deklaratu zuten kasua ikertzen ari den instrukzio epailearen aitzinean. Horietako bost preso sartu dituzte «nahitarako giza hilketa» leporatuta. Baionako prokuradoreak jakinarazi du epailearen ikerketarekin segituko dutela, bakoitzaren inplikazioa argitzeko.
Baionako bestetako hilketagatik atxilotutako zazpiak akusaziopean jarri dituzte. Atzo deklaratu zuten kasua ikertzen ari den instrukzio epailearen aitzinean. Horietako bost preso sartu dituzte «nahitarako giza hilketa» leporatuta. Baionako prokuradoreak jakinarazi du epailearen ikerketarekin segituko dutela, bakoitzaren inplikazioa argitzeko.
Patrice Lanies «nahitara hiltzea» leporatuta bost gizon akusaziopean ezarri eta preso sartu dituzte, Jerome Bourrier Baionako prokuradoreak agiri batean jakinarazi duenez. Sei lagun atxilotu zituzten asteazkenean: hiru Essonnen (Frantzia), Paris ondoan, eta beste hiru Bretainian. Hiruri ustezko hiltzaileak izatea egozten dietela jakinarazi zuten, eta beste hiruri ihes egiten lagundu izana. Baionako bestetan 46 urteko gizonezko bat hil zen zafraldi bat bildu ondoan; etxera sartzen ari zela, ate aitzinera iristean, hiru gizonek sartzea trabatu zioten; galdetu zienean handik mugitzeko, jo egin zuten, behin eta berriz, bortizki. Handik zenbait egunetara hil zen gizona, Baionako ospitalean. Frantziako Poliziak gizon baten robot irudia zabaldu zuen berehala, eta adierazi zuten beste bi gizonen bila ere bazebiltzala. Prokuradoreak zabaldutakoaren arabera, atxilotutako bost gizoni leporatu diete «nahitarako giza hilketa», eta seigarrenari krimena salatu ez izanaren akusazioa eman diote. 21 eta 27 urte artean dituzte denek. Bost presondegian sartu dituzte, eta seigarrenari kontrol judiziala eman diote. Zazpigarren pertsona bat ere atxilotu zuen Frantziako Poliziak, 33 urteko emakume bat, eta hura ere akusaziopean ezarri dute, krimen bat salatu ez izanaren akusaziopean. Hau ere kontrol judizialpean ezarri dute. Baionako prokuradoreak jakinarazi du epailearen ikerketak aitzina segitzen duela, eta akusaziopean ezarria izan den pertsona bakoitzaren inplikazioa zehaztea izanen duela helburu. Horrez gain, heriotza eragin zuen jipoia nola gertatu zen argitu beharko dute ere.
2023-9-30
https://www.berria.eus/albisteak/233440/inaki-alkorta-hil-da-gureak-taldeko-presidentea.htm
Ekonomia
Iñaki Alkorta hil da, Gureak taldeko presidentea
Taldeko zuzendari izan zen 1977tik 2011ra, eta 2006tik zen presidente. 73 urte zituen.
Iñaki Alkorta hil da, Gureak taldeko presidentea. Taldeko zuzendari izan zen 1977tik 2011ra, eta 2006tik zen presidente. 73 urte zituen.
Gureak taldeak jakinarazi duenez, Iñaki Alkorta hil da, enpresa talde horretako presidentea. Bere ibilbide profesionala desgaitasunen bat dutenen laneratzearekin egon da lotuta. Gureak taldeak atsekabea adierazi du heriotzaren berri eman ostean. Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak, heriotzaren berri jakin ondoren, esan du Gipuzkoa gaur egun «lurralde inklusibo, ireki eta kohesionatuagoa» dela Alkorta bezalako pertsonei esker. Alkorta Donostian jaio zen, eta zuzenbidearen eta enpresa kudeaketaren inguruan egin zituen ikasketak. Gureak taldeak ohar batean azaldu duenez, «taldearen sorreran eta hedapenean funtsezko pertsona izan zen». Atzegiko gurasoen kezkatik abiatu zen Gureak, desgaitasunen bat dutenentzako lan aukera egonkorrak sortu eta kudeatzeko, eta gaur egun 6.000 pertsona inguruk osatzen dute taldea; horietatik %84k desgaitasunen bat daukate. 2015eko Joxe Mari Korta sariduna 2015ean, enpresa munduan egindako lana aitortzeko, Joxe Mari Korta saria jaso zuen, Iñigo Urkulluren eskutik. Gureak-ek egindako ekarpena aitortu nahi izan zuen Eusko Jaurlaritzak: «Enpresa talde hori lan aukera egonkorrak eta pertsonen mugetara ahalik eta gehien egokitutako lan aukerak sortzeko eta kudeatzeko sortu zen, eta adimen desgaitasuna duten gipuzkoarrei lehentasuna ematen diete». Horrez gain, 2003an enpresabururik onenaren saria jaso zuen, Gipuzkoako Merkataritza Ganberaren eskutik. EHLABE Euskal Herriko Lan Babestuaren Elkartearen sortzaileetako bat ere izan zen Alkorta, eta gaur egun presidentea zen. Donostiako Goienetxe fundazioaren patronatuko kide ere izan zen.
2023-9-30
https://www.berria.eus/albisteak/233441/arberatzen-izanen-da-2024ko-ehz.htm
Kultura
Arberatzen izanen da 2024ko EHZ
Gaur egin dute biltzar nagusia EHZko laguntzaileek, Kanboko gaztetxean, eta heldu den urtean Amikuzera mugitzea erabaki dute. Ekainaren 28an, 29an eta 30ean izanen da festibala Nafarroa Behereko herri horretan.
Arberatzen izanen da 2024ko EHZ. Gaur egin dute biltzar nagusia EHZko laguntzaileek, Kanboko gaztetxean, eta heldu den urtean Amikuzera mugitzea erabaki dute. Ekainaren 28an, 29an eta 30ean izanen da festibala Nafarroa Behereko herri horretan.
Azken ordura arte atxiki dute suspensea. Aurtengo EHZ festibala Irisarrin (Nafarroa Beherea) iraganen zen azkena zela iragarri ondotik, jakin-min handia zegoen nora mugituko zen Ipar Euskal Herriko festibal historikoa. Gaur goizean egin dute urteroko biltzar nagusia, Kanboko (Lapurdi) Emaitza gaztetxean, eta laguntzaileek Amikuzera jotzearen alde egin dute. Arberatzen (Nafarroa Beherea) izanen da 2024ko Euskal Herria Zuzenean festibala, ekainaren 28an, 29an eta 30ean. Irisarrin pasatutako urteen bilan baikorra egin dute EHZko kideek biltzar nagusian. Bost urtean festibala egonkortu dela iritzi diote. «Irisarrin bost urtez egin diren lau edizioek EHZren beste etapa bat marraztu dute. Berriz txikitik eta xumetik hasi ginen 2019koan. Tartean pandemia izan zen ere, eta 2020koa bisio bilkura batean ezeztatu genuen. 2021ean musukorik gabeko oasia bilakatu zen EHZ, arnasgune bat euskararentzat eta euskal kulturarentzat. 2022an eta 2023an, Irisarrin erroturik, laguntzaile gazte-gazteekin eta programazio aberatsarekin iragan dira», aztertu dute agiri batean EHZko antolatzaileek. Haien hitzetan, Irisarrik «egonkortasuna» eman dio festibalari, «berriz laguntzaileak lotu ditu, eredu ekonomikoa egonkortu du, eta publikoa ere hor zen». Aitortu dute batek baino gehiagok egin dietela galdera: «Zergatik zoazte Irisarritik? Bikaina da hemen!». Baina «konbentzituak» dira garai ona dela. «Toki batean egoteak arrisku bat du: erosotasuna, eta, ondorioz, gauzak handiago egin nahi izatea. EHZren historian ere usu eskutik joan dira belaunaldi aldaketa eta herri berria. Aurten ere hori dugu erronka: ahal bezain naturalki eta goxoki lekuko aldaketa egitea». «Energiaz kargaturik» «Orain da momentua beste abentura batzuetara joateko eta tokiz aldatzeko», adierazi dute Ihintza Etxart eta Imanol Etxebarne EHZko kideek. «Lurralde berri horretara hurbilduz, Amikuzera hurbilduz, erronka berri anitz baditugu: lurralde berri batean errotzea, hango eragileekin, kultur eragile, besta komite eta gazteriarekin. Amikuzeko gazte anitzek parte hartu dute herri berri hori hautatzeko erabakian, eta espero dugu Irisarrin lortu duguna errepikatuko dugula». «Irisarri agurtu genuen hastapen baten zaporea zuen bukaera batekin. EHZ Amikuzen izanen da lehen aldiz. Orain, ikustekoa izanen da zer ekarriko dion Arberatzek festibalari. Eta festibalak zer duen ekartzeko Amikuzeko eskualdean, hau truke bat baita», gehitu dute agirian. Orain arte ukitu gabeko lurraldea zen Amikuze EHZ festibalarentzat. Arrosan (Nafarroa Beherea) abiatu zen, 1996an, eta han iragan zen uda hasierako ospakizuna 2003 arte. Ondotik Zuberoara jo zuen, Idauze-Mendi herrira zehazki, eta 2009ean Heletara jo zuen (Nafarroa Beherea). Lekornen (Lapurdi) 2013tik 2017ko epean egon ondotik, birsortze prozesu bat abiatu zuten festibala antolatzen aritu diren laguntzaileek, eta Irisarrin lurreratu zen 2019an.
2023-9-30
https://www.berria.eus/albisteak/233442/gazte-bat-zauritu-da-urdulizen-eskalatzen-ari-zela-erori-ostean.htm
Gizartea
Gazte bat zauritu da Urdulizen, eskalatzen ari zela erori ostean
Erortzean zauri larriak egin zituen 21 urteko gazteak.
Gazte bat zauritu da Urdulizen, eskalatzen ari zela erori ostean. Erortzean zauri larriak egin zituen 21 urteko gazteak.
Gazte bat zauritu da Urdulizen (Bizkaia), eskalatzen ari zela lurrera erori ostean. Atzo gertatu zen ezbeharra; zazpi metrotik erori eta zauri larriak egin zituen 21 urteko gazteak. Helikopteroz eraman zuten Gurutzetako ospitalera (Barakaldo, Bizkaia). Ertzaintzak ikerketa bat zabaldu du, istripua nola gertatu zen jakiteko.
2023-9-30
https://www.berria.eus/albisteak/233443/basauriko-festetan-sexu-eraso-bat-izan-dela-salatu-dute.htm
Gizartea
Basauriko festetan sexu eraso bat izan dela salatu dute
Herriko udalak eta asanblada feministak sexu erasoa gaitzetsi dute. Gaur elkarretaratzea egingo dute, Pinceles plazan.
Basauriko festetan sexu eraso bat izan dela salatu dute. Herriko udalak eta asanblada feministak sexu erasoa gaitzetsi dute. Gaur elkarretaratzea egingo dute, Pinceles plazan.
Basauriko (Bizkaia) San Migel jaietan emakume bati sexu eraso bat egin diotela salatu du herriko asanblada feministak. Azaldu dute sexu erasoa aurreko larunbat gauean gertatu zela. Sexu erasoa salatzeko, elkarretaratze bat egingo dute gaur, 18:00etan, Basauriko Pinceles plazan. «Feministok antolatuta gaude, eta autodefentsa feministaren bidez erantzungo dugu», nabarmendu du asanbladak. Basauriko Udalak bat egin du gaitzespenarekin, eta elkarretaratzera batzera deitu ditu herritarrak: «Indarkeria matxistaren aurrean ez dugu inolako tolerantziarik izango, eta hori desagerrarazteko lanean jarraitzeko borondatea dugu».
2023-9-30
https://www.berria.eus/albisteak/233444/bi-urte-pasatu-dira-jaurlaritzak-espetxe-politika-bere-gain-hartu-zuenetik.htm
Politika
Bi urte pasatu dira Jaurlaritzak espetxe politika bere gain hartu zuenetik
Basauriko, Martuteneko eta Zaballako espetxeetan 1.577 pertsona daude preso. Jaurlaritzak esan du azken bi urteotan «euskal espetxe eredua» garatzea baldintzatu dutela azpiegituren «gabeziek».
Bi urte pasatu dira Jaurlaritzak espetxe politika bere gain hartu zuenetik. Basauriko, Martuteneko eta Zaballako espetxeetan 1.577 pertsona daude preso. Jaurlaritzak esan du azken bi urteotan «euskal espetxe eredua» garatzea baldintzatu dutela azpiegituren «gabeziek».
Eusko Jaurlaritzak espetxe politikaren eskumena bere gain hartu zuenetik bi urte beteko dira bihar, eta horren harira, azken bi urteotako balantzea plazaratu du gaur Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika Sailak. Txostenaren arabera, 1.577 pertsona daude preso Basauriko (Bizkaia), Martuteneko (Gipuzkoa) eta Zaballako (Araba) espetxeetan; horietatik %14 behin-behinean daude, eta gainerakoak, zigortuta. Hiru espetxe horietan dauden euskal presoak guztira 142 dira; gehienak Zaballan daude. Jaurlaritzak nabarmendu du azken bi urteotan «euskal espetxe eredua» garatzea baldintzatu dutela azpiegituren «gabeziek»; bereziki, haien «antzinatasunak» eraginda. Hala ere, Zubietan (Gipuzkoa) eraikitzen ari diren espetxean jarri dute soa: «Gehienezko gaitasun operatiboa handitzea espero da». Esan dute Martutenekoa ordezkatuko duen espetxea datorren udaberrian martxan jartzeko asmoa dutela, «epeak betetzen badira». Erregimen itxiko sailik ez dago hiru kartzeletan, eta Jaurlaritzak esan du hainbat preso lekualdatu behar izan dituztela arrazoi horrengatik. Hala ere, gogorarazi du horrelako sail bat irekitzekoak direla Zaballan datorren urtean. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxeetako presoen ezaugarrien berri ere eman dute balantzean. Adierazi dute preso gehienak 31 eta 50 urte artekoak direla, eta %31,5 atzerritarrak direla; emakumeak, berriz, presoen %8 dira. Espetxeetako «heterogeneotasuna» handitu izanak liskar kopurua handitu duela esan dute; «ez da egoera larririk sortu, ezta kontrolatu ezin denik ere». Hiru kartzeletan dauden presoen %31k dute hirugarren gradua —425 presok—, eta gehienak bigarren graduko erregimenean daude. Bi preso daude lehen graduan —biak, Zaballan—, eta 317 dira sailkatu gabekoak. 221 daude baldintzapean aske. Euskal presoei dagokienez, hiru kartzeletan dauden 142 presoetatik gehienak (118) daude bigarren graduan, eta bi sailkatu gabe. Hirugarren graduan daudenak 22 dira, eta baldintzapean aske daudenak, hamalau. Bide batez, Etxerat-ek deituta 3.000 lagun inguruk mobilizazioak egin zituzten atzo, «salbuespenezko espetxe politikaren» amaiera eskatzeko. Jaurlaritzak nabarmendu du haren helburua dela presoek haien zigorrak «duintasunez» betetzea erraztea, «haien eskubideak errespetatuz eta gizartera bizkor itzultzeko prestatzen lagunduz». Aurten, gutxienez hiru preso hil da Jaurlaritzaren menpeko espetxeetan.
2023-9-30
https://www.berria.eus/albisteak/233445/aitor-zelaia-eta-galder-barbado-atxilotu-dituzte.htm
Politika
Aitor Zelaia eta Galder Barbado atxilotu dituzte
Manifestazio jendetsua egin dute Gasteizko kaleetan elkartasuna erakusteko
Aitor Zelaia eta Galder Barbado atxilotu dituzte. Manifestazio jendetsua egin dute Gasteizko kaleetan elkartasuna erakusteko
Bi gazteak atxilotu dituzte ertzainek, Espainiako Auzitegi Nazionalak ezarria dien eta Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi zuen lau urteko kartzela zigorra betearazteko. Espetxeratzeko aginduaren borondatezko epea gaindituta dute bi gazteek; Gasteizko Gobernu Militarrean agertu dira 17:00etan. Jendea eraikinera gerturatu da, eta Polizia agertu da ondoren. Gazte biak, zehazki, eraikineko balkoi nagusian agertu dira. Eraikinean sartu dira ertzainak, eta atxilotu egin dituzte minutu batzuen buruan. Ertzainen ibilgailu batean eraman dituzte ondoren. Gobernu Militarra ertzainez inguratuta egon da bi gazteak atxilotu artean, eta eta jendea erruz bildu da Leizaola plazan; ehunka lagun bildu dira, gazteei babesa ematera, kamiseta urdinak soinean. 18:30ean hastekoa zen manifestazio nazionala atzeratu egin da, baina egiteko asmoa azaldu dute antolatzaileek. «Herriak ez du barkatuko»; «Aupa, bikote, zuekin gaude»... oihu artean agurtu dituzte Barbado eta Zelaia plazan zeudenek. Tentsio uneak bizi izan ziren agenteen eta elkarretaratuen artean. Azkar baretu da egoera, baina, eta Artiumera joan da jendea beste manifestariekin biltzera. Milaka lagunek egin dute Artiumetik Foru plazarainoko bidea, Euskal Herriak Aurrera lelopean. Ikurrinek eta Nafarroako banderek apaindu zuten manifestazioa. Aldarri oihuek ez zuten etenik izan ibilbide osoan zehar. Duela bi aste Ankerkeriari Stop plataformak jakitera eman zuenez, irailaren 15ean espetxeratze agindu bana jasota, Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazteek hamar eguneko epea zuten borondatez kartzelan sartzeko. Epea agortuta, ez ziren espetxean aurkeztu; beraz, Espainiako Auzitegi Gorenak atxilotze agindua martxan jartzeko arriskuan zeuden biak. 18:30ean, Gasteizko Artium Museotik abiatzekoa zen bi gazteen aldeko manifestazio nazionala, Euskal Herriak aurrera! lelopean. Espainiako Gobernuko EAEko ordezkari Denis Itxasok, bere aldatik, salatu du gaur Gasteizko Gobernu Militarrean bi gazteak «indarrez» sartu izana, eta «errespetua» eskatu du instituzioentzat. Zelaia eta Barbado afera 2021eko otsailean launa urteko espetxe zigorra ezarri zien Espainiako Auzitegi Nazionalak, «lehergailuak egiteko materiala edukitzea» leporatuta. Epaiketa egin aurretik espetxean egon ziren biak, 2019ko otsailaren 8an Ertzaintzak atxilotu ostean. Urte hartako uztailean askatu zituzten, baldintzapean, eta 6.000 euroko bermea ordaindu ostean. 2021eko urtarrilaren 21ean eta 22an egin zen epaiketa, Madrilen. Hasieran, Jose Perals fiskalak zortzi urteko kartzela zigorra eskatu zuen bakoitzarentzat, «helburu terroristarekin» aritu zirelakoan. Defentsak errugabetzeko eskatu zuen, frogak «lausoak» zirela argudiatuta, eta epaiketa bera «lekuz kanpo» zegoelako, ETAk behin betiko su etena iragarri zuenetik hamar urte igaroak zirelako, eta hiru desegin zenetik. Angela Murillok, Teresa Palaciosek eta Carmen-Paloma Gonzalezek sinatu zuten sentzentzian, azkenean, «lehergaiak egiteko materiala eduki eta erabiltzeagatik» zigortu zituzten. Akusazioaren oinarrian Ertzaintzaren txosten bat egon zen. 2018an Ertzaintzak Duranako (Araba) industrialde batean bidoi bat aurkitu zuela adierazi zuten horretan. Barruan, «lehergailuak egiteko hainbat objektu» zeudela azaldu zuten txostenean, eta Barbado eta Zelaiaren hartz markak eta DNA. Auzitegiak frogatutzat eman zuen bidoia bi gazteek erabili zutela 2014an eta 2015ean, «kale borrokako ekintzak» egiteko materiala gordetzeko. Aitor Zelaiaren etxean topatutako motxila baten edukiak froga gisa aurkeztu zuen Ertzaintzak. Horretan bridak, eskularruak, walkie-talkieak, sakelako telefonoak eta zinta amerikarra zeuden, eta Ertzaintzak «kale borrokarako motxila bat» zela argudiatu zuen. Zelaiak esan zuen material hori Hatortxu Rock jaialdian muntatzeko erabili zuela, eta lekuko batek baieztatu egin zuen. Epaiketan, bi gazteek azaldu zuten ezker abertzaleko kidetzat zituztela euren buruak. Esan zutenez, bat egin zuten ETAk armak uzteko hartutako erabakiarekin. Baina epaileek ez zuten hori aintzat hartu. Ebazpena jakin zenean, zigorra «azpijoko polizial batean» oinarritzen zela esan zuen EH Bilduk, eta Ertzaintzak horretan «parte hartze zuzena» izan zuela salatu zuen. Koalizioak nabarmendu zuen Espainiako Auzitegi Nazionala «denboraz eta lekuz kanpo dagoen salbuespenezko epaitegia» zela, eta gogoratu zuen gazteak zigortu zituen Murillo epailea zigortu egin zuela Estrasburgoko Auzitegiak Bateragune auzian inpartzialtasunik ez edukitzeagatik. Zigorra jaso ostean, «militante politiko izateagatik zigortu nahi gaituzte» adierazi zuten Barbadok eta Zelaiak, BERRIAri emaniko elkarrizketan. Euren kontrako operazioa EAJk eta Ertzaintzak abiatu zutela adierazi zuen Barbadok. Epaiketan euren jardun politikoari buruzko «milaka orri» aurkeztu zituztela, baina «oso gutxi aurkitutako zuloaren inguruan». ETAk jarduera armatua utzi zuenez, eurak «terrorismoarengatik» zigortzerik izan ez zutela nabarmendu dute, baina ohartarazi dute ebazpenean «terrorismo indibiduala» aipatu zutela, eta «horrek bide ematen duela herri eta gazte mugimenduko edozein protesta edo ekintza, inolako erakunderik egon gabe, terrorismo» gisa izendatzeko. Iazko maiatzean, Guardia Zibilak «kolaboratzeko» eskatu ziola salatu zuen Barbadok. Gazte mugimenduaren inguruko gauzak kontatuz gero, epaitegietan lagunduko ziotela esan zioten. Aurtengo maiatzean, launa urteko espetxe zigorra berretsi zien Auzitegi Gorenak. Mobilizazioak Azken egunotan mobilizazio ugari egin dituzte bi gazteren alde, eta kartzelan sartzeko aginduaren kontra. Irailaren 18an, gazteen aldeko elkartasun martxetan ehunka lagun bildu ziren Agurainen, Amurrion eta Gasteizen, Ankerkeriari Stop plataformak deituta. Eta sei egun geroago, irailaren 22an, Ernaik protesta egin du Bilbon eta Gasteizen. Espainiako Gobernuak Bilbon duen ordezkaritzari eta Ertzaintzaren Gasteizko egoitzari kateatu zitzaien hainbat gazte. Ertzaintzak hiru pertsona atxilotu zituen Arabako hiriburuko protestan, eta, guztira ehun pertsona baino gehiago identifikatu zituzten.
2023-9-30
https://www.berria.eus/albisteak/233446/paxinianen-dimisioa-eskatu-dute-milaka-herritarrek-traidore-oihu-artean.htm
Mundua
Paxinianen dimisioa eskatu dute milaka herritarrek, «traidore» oihu artean
Armeniako hiriburuan egin duten protestan, manifestariek lehen ministroari egotzi diote ez esku hartzea Azerbaijanek Karabakh Garaiari egindako erasoaren aurrean.
Paxinianen dimisioa eskatu dute milaka herritarrek, «traidore» oihu artean. Armeniako hiriburuan egin duten protestan, manifestariek lehen ministroari egotzi diote ez esku hartzea Azerbaijanek Karabakh Garaiari egindako erasoaren aurrean.
Armenian, milaka lagun irten dira kalera Nikol Paxinian lehen ministroaren dimisioa eskatzeko, joan den astean, Azerbaijanek Karabakh Garaiaren kontra egindako erasoaren aurrean erantzunik ez emateagatik. «Traidorea» deitu diote hainbatetan manifestariek. Azerbaijanek eskuratutako eremua armeniarrez hustuta gelditu da ia erabat. Erevanek gaur jakinarazi duenez, 100.000 armeniar baino gehiago hartu ditu, Azerbaijango indarrengandik ihesi Karabakh Garaiko beren etxeak utzi dituztenak. «Gure begien aurrean genozidio bat gertatu da, Errusiako bake indarren presentzian, haren misioa halako zerbait gerta zedila eragoztea bazen ere», salatu du Vazgen Manukian gobernuburu ohi eta oposizioko politikariak, manifestarien aurrean, agertokitik. Gaineratu du Mendebaldeak ere ez duela presio egin Azerbaijanen erabakietan eragiteko. Manukianen iritziz, lehen ministroaren jarrera arduragabea izaten ari da, Azerbaijani gerra deklaratzeko beldur delako, baina ez Errusiari. Paxinianek boterean jarraitzeak Armeniarentzat galera gehiago ekarriko dituela ohartarazi du. Oposizioak Azerbaijanen aurrean amore ematea egotzi zion Paxiniani 2020an ere, Bakuk sei asteko borroken ostean Karabakh Garaiko lur eremu batzuk eskuratu zituenean. Armeniak eta Azerbaijanek Errusiaren bitartekaritzarekin sinatu zuten bake ituna umiliaziotzat hartu zuten Armeniako sektore zabaletan. Orain ere berdin gertatu da, Karabakh Garaiko independentisten esku jarraitzen zuten eremu menditsuak eskuratzeko Azerbaijanek hilaren 19an egin zuen erasoarekin. Armeniak ez dio erantzun militarrik eman, eta horrek haserrea zabaldu du herrialdean. Erasoaren hurrengo egunean, borrokak amaitzea adostu zuten Karabakh Garaiko indar independentistek, Erevanen laguntzarik jaso gabe. Protestak eta istiluak izan ziren sei egunez jarraian Armenian, Paxinianen dimisioa eskatzeko, eta 200 lagun baino gehiago atxilotu zituen Poliziak. Oposizioak mobilizazioak eten zituen joan den asteartean, Karabakh Garaitik heldutako errefuxiatuei zuzendutako laguntza ez oztopatzeko, baina protestari ekin diote gaur, ostera. 100.000 iheslari Erevanek gaur jakinarazi duenez, Karabakh Garaiko ia armeniar guztiek egin dute ihes eskualdetik Armeniara. 100.000 herritarrek baino gehiagok gurutzatu dute muga eguerdirako —azken erasoaren aurretik, Karabakh Garaian 120.000 armeniar inguru bizi ziren—. Armeniako Gobernuak salatu du Azerbaijan «garbiketa etnikoa» ari dela egiten eskualdean, eta han jarraitzen duten armeniarrak arriskuan daudela. Bakuk ukatu egin du halakorik, eta Azerbaijanen «berriz integratzeko» eskatu die herritar armeniarrei. NBE Nazio Batuen Erakundeak misio humanitario bat bidali du Karabakh Garaira, eta laguntza iristen hasia da. Baina laguntza materialetik harago, Armeniak babesa eskatu dio NBEren Nazioarteko Justizia Auzitegiari, bermatu dezan Bakuk ez dituela Karabakh Garaiko armeniarrak lekualdatzera behartuko eta ihes egin dutenek era seguruan itzultzeko baldintzak izango dituztela. Paxinianek Errusiaren jarrera deitoratu du, eta hari egotzi dio Karabakh Garaiko egoeraren ardura. Lehen ministroaren esanetan, Erevanen egungo segurtasun aliantzak «ez dira eraginkorrak», eta aldaketak ezinbestekoak dira. Ildo horretan, parlamentuari dei egin dio datorren astean egitekoa duen saioan Armenia Nazioarteko Zigor Auzitegiko kide bihurtzera. Auzitegi horrek atxilotze agindu bat igorria du Vladimir Putin Errusiako presidentearen aurka, Ukrainako gerragatik gizateriaren kontrako krimen arduradun izatea egotzita. Kremlinek ohartarazi du Armeniak urrats hori emanez gero, Errusiaren kontrako «muturreko» neurritzat hartuko duela. Moskuk Paxinian kritikatu du bere herrialdea «Mendebaldearen joko geopolitikoaren gatibu bihurtzeagatik», eta Armeniaren eta Errusiaren arteko lotura historikoak apurtzen saiatzeagatik. Eskualdeko egoera, iraulita Azerbaijanen joan den asteko erasoak Karabakh Garaiko errealitatea irauli du guztiz. Egun gutxian kanporatu ditu mendeetan —gutxienez K.a. II. mendetik— lurralde horretan gehiengoa izan diren herritar armeniarrak. Armeniar askorentzat, Karabakh Garaia arbasoen etxea da. 30 urteren ondoren, ordea, eremua berriro izango da Azerbaijanen kontrolpean. Karabakh Garaiak aldarrikatzen zuen errepublika desegin egingo da 2024ko urtarrilaren 1ean, buruzagi independentistek iragarri dutenez. Nazioarteak Azerbaijanen lurraldearen partetzat du Karabakh Garaia, baina azken hiru hamarkadetan independente gisa jardun du, abertzale armeniarren kontrolpean. Orain, Azerbaijanek eta Armeniak eremuaren «integrazioa» negoziatzeko elkarrizketak hasiko dituzte. Paxinian eta Ilham Aliyev Azerbaijango presidentea elkarrekin bilduko dira datorren ostegunean, Europako Batasunak Granadan (Espainia) egitekoa duen goi bileran. Aldi berean, Bakuk Karabakh Garaiko buruzagi independentistak atxilotzen jarraitzen du. David Babaian Atzerri ministro ohia atxilotu zuen atzo, eta preso du Ruben Vardanian gobernuburu izandakoa, asteazkenetik. «Terrorismo» delituak egotzi dizkie.
2023-9-30
https://www.berria.eus/albisteak/233447/gizon-bat-hil-da-armintzan-arroka-gune-batean.htm
Gizartea
Gizon bat hil da Armintzan, arroka gune batean
58 urteko gizonezko bat dela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak
Gizon bat hil da Armintzan, arroka gune batean. 58 urteko gizonezko bat dela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, gaur 58 urteko gizon bat zendu da Armintzan (Lemoiz, Bizkaia), hondartzatik hurbil, arroka gune batean. 15:00ak aldera jaso dute gizonaren egoeraren berri ematen abisu bat, baina sorospen zerbitzuek ezin izan zuten deus egin hura salbatzeko. Portura txalupa batean eraman dute hilotza, eta autopsia egitera gero, ikerketa bat abian jarri baitute heriotza argitzeko.
2023-9-30
https://www.berria.eus/albisteak/233448/jaione-cambordaren-o-corno-filmak-irabazi-du-urrezko-maskorra.htm
Kultura
Jaione Cambordaren 'O Corno' filmak irabazi du Urrezko Maskorra
Ping-Wen Wang eta Tzu-Hui Peng zinemagile taiwandarrek zuzendari onenarentzako Zilarrezko Maskorra eskuratu dute Chun xing / A Journey in Spring filmarekin
Jaione Cambordaren 'O Corno' filmak irabazi du Urrezko Maskorra. Ping-Wen Wang eta Tzu-Hui Peng zinemagile taiwandarrek zuzendari onenarentzako Zilarrezko Maskorra eskuratu dute Chun xing / A Journey in Spring filmarekin
Jaione Camborda zinemagile donostiarrak zuzendutako O Corno filmak irabazi du Donostiako 71. Zinemaldiko sari nagusia, Urrezko Maskorra. Cambordaren bigarren film luzea da —aurretik Arima zuzendu zuen—, eta bere estreinakoa bezalaxe, galizieraz filmatu du. 1971. urtean kokatua, haurdunaldietan emakumeei laguntzen dien emakume bat du protagonista. Une batean, gertaera lazgarri baten ondoren, ihes egin beharko du, eta beste emakume batzuen laguntza izango du ihesaldi horretan. Ping-Wen Wang eta Tzu-Hui Peng zinemagile taiwandarren opera prima da Chun xing / A Journey in Spring, adineko senar-emazteen egunerokoa kontatzen duen filma. Claire Denis zinemagilea buru izan duen epaimahaiak zuzendari onenarentzako Zilarrezko Maskorra bi zuzendariei ematea erabaki du. Isabella Eklof zinemagile daniarraren Kalak filmak bi sari irabazi ditu; batetik, Epaimahaiaren Sari Nagusia, eta bestetik, argazki onenarena Nadim Carlsenentzat. Interpretazio sariei dagokienez, aktore onenarentzako garaikurra ex aequo irabazi dute Tatsuya Fujik (Great Absence) eta Marcelo Subiottok (Puan). Ez da izan azken film horrek eskuratu duen sari bakarra, gidoi onenari emandakoa ere jaso baitute pelikularen zuzendari eta gidoilariek, Maria Alchek eta Benjamin Naishtatek. Sail Ofizialetik kanpoko sariak ere eman dituzte gaurko ekitaldian. Euskal Zinemaren Irizar saria Isabel Hergueraren Sultanaren ametsa animaziozko filmak irabazi du. Sail Ofizialeko lehian aurkeztu du filma zinemagile donostiarrak. Bestalde, Horizontes saria Martin Benchimolen El castillo-rentzat izan da, Kutxabank- Zuzendari Berriak saria Diwa Shah zinemagile indiarraren Bahadur The Brave filmak irabazi du, eta Zabaltegi-Tabakalera saria Eduardo Williams argentinarraren El auge del humano 3 lanak eskuratu du. Sail horretako epaimahaiak aipamen berezi bat egin dio Ulises de la Ordenen El juicio dokumentalari.
2023-10-1
https://www.berria.eus/albisteak/233449/realak-hobeto-baliatu-ditu-bere-aukerak-derbian.htm
Kirola
Realak hobeto baliatu ditu bere aukerak derbian
Txuri-urdinek 3-0 hartu dute mendean Athletic, Le Normaden, Kuboren eta Oiartzabalen golei esker. Athletic ondo lehiatu da, baina ez ditu bere aukerak baliatu. Intentsitate eta erritmo bizikoa izan da norgehiagoka.
Realak hobeto baliatu ditu bere aukerak derbian. Txuri-urdinek 3-0 hartu dute mendean Athletic, Le Normaden, Kuboren eta Oiartzabalen golei esker. Athletic ondo lehiatu da, baina ez ditu bere aukerak baliatu. Intentsitate eta erritmo bizikoa izan da norgehiagoka.
Futbolean funtsezkoa da taldeek partidetan dituzten uneak aprobetxatzen jakitea. Realak eta Athleticek bereak izan dituzte, baina txuri-urdinek soilik jakin dute ondo baliatzen. Partida distiratsurik jokatu gabe, 3-0 irabazi dute, Le Normandek, Kubok eta Oiartzabalek sartutako golei esker. Eraginkorragoa izan da Imanol Alguacilen taldea, eta festa betea izan da Realzaleentzat. Hirugarren garaipena erreskadan pilatu dute ligan, eta konfiantzaz beteta helduko diote asteartean Salzburgoren aurkako Txapeldunen Ligako partidari. Athletic, berriz, ondo lehiatu da minutu askotan, baina ez ditu bere gol aukerak aprobetxatu, eta futbolaren patua izaten da maiz barkatzen duenak ordaindu egiten duela. Hori gertatu zaio Valverderen taldeari. Burua altxatu, eta Almeriaren aurkako partidari begira jarri beharko dute orain. Bi entrenatzaileek eman dute ezustekoren bat hamaikakoan. Imanolek Mikel Oiartzabal utzi du aulkian, eta Sadiq Umar zelairatu du. Ernesto Valverdek, berriz, Dani Garcia eta Nico Williams. Min hartuta egon da azken asteetan Williams anaien artean gazteena, eta ez zen espero hasieratik aritzea. Bizia eta intentsitate handikoa izan da norgehiagoka. Reala partidaren bila atera da. Baina Athleticek ondo eutsi die talde txuri-urdinaren lehen oldarraldiei. Gainera, baloia berreskuratu, eta Williams anaien abiadura baliatzen saiatu da. Minutuak aurrera joan ahala, partida parekatu egin da, eta abiadura eta intentsitatea izan diranagusi, joko landua baino gehiago. Reala saiatu da horretan, batez ere Braisen eta Merinoren bidez, baina horrek ez du islarik izan gol aukeretan. Athleticek, berriz, bizpahiru korner jaurti ditu segidan. 25. minutuan, Tierneyk min hartu du, eta Aihen Muñozek ordezkatu behar izan du. 30. minutuan iritsi da Realaren gola. Brais Mendezek bigarren zutoinera atera du falta bat. Baloia aske geratu da arean, eta Le Normadek aprobetxatu du baloia sareetara bidaltzeko. Realak gola sartu arren, partida ez da asko aldatu. Athletic pare bat aldiz gerturatu da Remiroren atera. Baina atsedenaldira 1-0 joan dira. Bigarren zatia hasterako, Valverdek Villalibre atera du Guruzetaren ordez. Eroa eta bizia izan da bigarren zatiaren hasiera. Iñaki Williamsek aukera argia izan du berdinketa egiteko, Nico anaiak buruz buruko jokaldi batean Traore atzean utzi ostean. Baina gutxigatik joan zaio kanpora errematea. Hurrengo jokaldian, ordea, Realak gola sartu du. Braisek erdiraketa egin du, Sadiqek pasatzen utzi, eta Kubok ez du barkatu (48. min). Hirugarrena, Oiartzabalek Athleticek ez zuen etsi, eta pare bat aukera argi izan ditu aldea murrizteko. Argiena Muniainek, 53. minutuan. Pase ederra eman dio Iñaki Williamsek kapitainari, baina Remirok ondo atera du. 66. minutuan iritsi da Realaren hirugarrena. Zubimendik pase sakon bikaina eman dio Oiartzabali. Hura bakarrik geratu da, eta, Unai Simoni izkin egin eta gero, gola sartu du. Hortik aurrera, partidaren erritmoa moteldu egin da apur bat. Ezinezkoa zen horri eustea. Dena den, bi atzelarik, Pradosek eta Traorek, aukera garbi bana izan dute gola sartzeko. Baina emaitza ez da aldatu.
2023-10-1
https://www.berria.eus/albisteak/233478/bi-langile-hil-dira-lantziegoko-ardo-upategi-batean.htm
Ekonomia
Bi langile hil dira Lantziegoko ardo upategi batean
60 eta 61 urte zituzten hildakoek. Lankide bat ardoa egiten zen edukiontzi batera erori da, eta hari lagundu nahian hil dira, anhidrido karbonikoa arnastuta.
Bi langile hil dira Lantziegoko ardo upategi batean. 60 eta 61 urte zituzten hildakoek. Lankide bat ardoa egiten zen edukiontzi batera erori da, eta hari lagundu nahian hil dira, anhidrido karbonikoa arnastuta.
Lantziegoko (Araba) upategi bateko bi lagun hil dira gaur goizean, eta beste bat ospitaleratu egin dute. 60 eta 61 urte zituzten hildakoek, eta 31 zaurituak. 13:30 aldera deitu dute larrialdi zerbitzuetara, hiru lagun zaurituta zeudela jakinarazteko. Upategira heltzean, osasun zerbitzuek haietako biren heriotza baieztatu dute, eta hirugarrena helikopteroz eraman dute Logroñoko (Espainia) ospitalera. Antza denez, langile bat ardoa ekoizteko edukiontzi batera erori da, eta, hari laguntzean, gainontzeko beharginek anhidrido karbonikoa arnastu dute. Horren ondorioz hil dira bi.
2023-10-1
https://www.berria.eus/albisteak/233479/kilometroak-2023-laquomarea-bizi-batraquo-errenterian.htm
Gizartea
Kilometroak 2023, «marea bizi bat» Errenterian
Gipuzkoako ikastolen festak jendea erruz erakarri du, giro paregabean
Kilometroak 2023, «marea bizi bat» Errenterian. Gipuzkoako ikastolen festak jendea erruz erakarri du, giro paregabean
Udazken beteko uda giroak ere lagundu du, eta jende asko hurbildu da gaur 2023ko Kilometroak jaira, Errenteriara. Erriola leloa ardatz, ekitaldi ugari egin dira urte osoan zehar, eta urriko lehen igandearekin biribildu da prozesua. Herri gunean izan dira ekitaldi guztiak, eta jai giro ederra nagusitu da. Antolatzaileen hitzetan, «marea bizi bat» izan da Errenteria. Goizeko ekitaldian agintari ugari elkartu dira. Orereta ikastolako lehendakari Itziar Navarrok harrera egin die, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzi, Gipuzkoako ahaldun nagusi Eider Mendozari, eta herriko alkate Aizpea Otaegiri. Hainbat tokitan hartu dute hitza, eta aparteko izaera eman diote era horretan jaiaren hasierari. Ikastolen Elkarteko ordezkaritza zabala ere izan da. Nakane Artola Ikastolen Elkarteko ordezkariak EAEn ontzen ari diren Hezkuntza Legea hizpide izan du ekitaldian. «Ahalik eta lege onena eta zehatzena nahi dugu», esan du. «Ausardia» eskatu du bidean, eta begirada zabal bat. Lurraldetasunari begirako gogoetak egin ditu. «Ikastolok Euskal Herria bere osotasunean landuko duen lege bat aldarrikatzen dugu», azaldu du. Eta eskola ereduari begirakoak. «Publiko-pribatua dikotomia faltsua gaindituko duen legea nahi dugu. Eredu herritar komunitarioa da gurea, eta ez gara identifikatuta sentitzen itunpeko ikastetxe pribatu terminoarekin. Ikastolak gara!». Erantzun egin dio Bildarratzek. «Hezkuntza Legeak zerbait nahi baldin badu, gaur kalean ikusten ari garena da: hezkuntza komunitatea», azaldu du. Eta etorkizuneko erronken sakontasuna gogora ekarri nahi izan du. «Hiru ardatz azpimarratu nahiko nituzke datozen urteotarako: jaiotze tasa, hizkuntza eta aniztasuna». Nekane Artola bada Kilometroak elkarteko lehendakaria ere, eta jaiaren lekukoa jaso du; datozen asteetan jakingo da nork antolatuko duen jaia heldu den urtean.
2023-10-1
https://www.berria.eus/albisteak/233480/osasunak-mendizorrotzan-aldatu-du-joera.htm
Kirola
Osasunak Mendizorrotzan aldatu du joera
Arnaiz eta Budimir izan dira golegileak. Blancok bigarren zatiaren hasieran ikusitako txartel gorriak baldintzatu du neurketa.
Osasunak Mendizorrotzan aldatu du joera. Arnaiz eta Budimir izan dira golegileak. Blancok bigarren zatiaren hasieran ikusitako txartel gorriak baldintzatu du neurketa.
Abuztuaren 27an Valentzian irabazi zuenetik garaipenik eskuratu gabe zen Osasuna. Mendizorrotza, ordea, zelai kuttuna dute gorritxoek, baita zaleek ere, eta nabaritu da hori, bai zelaian, baita harmailetan ere. Neurketa borobila egin gabe, Jagoba Arrasateren taldeak Jose Arnaizen gol ikusgarri bat baliatu du markagailuan aurrea hartzeko, eta azken minutuetan Budimirrek sartu du bigarrena. Antonio Blancori ateratako txartel gorriak baldintzatu du bigarren zatia. Hamaikakoei dagokienez, Osasunan ezin izan du jokatu Jon Guridik, eta hamaikakora itzuli dira Tenaglia, Luis Rioja eta Kike Garcia. Osasunan, berriz, ugariak izan dira aldaketak. Aste barruan jokatu zuen taldetik, Ruben Peña, Catena, David Garcia eta Aimar Orozi soilik eutsi die Arrasatek; hura ezin izan da aulkian eseri, txartel gorria atera baitzioten Atletico Madrilen aurkako partidan. Lehen minutuetan, Alaves hobea izan da. Indartsu zelairatu dira Garcia Plazaren mutilak, eta Hagik izan du lehen aukera argia, faltaz. Riojak eta Garciak ere izan dituzte aukerak, baina Sergio Herrera atezaina bikain ibili da. Hari eman diote norgehiagokako jokalari onenaren saria, nahiz eta bigarren zatian zelaia utzi duen, lesio baten ondorioz. Osasuna hobetuz joan da pixkanaka, eta 35. minutuan heldu zaio saria: Arnaizek gol ikusgarria sartu du area kanpotik. Bikain jo du baloia nafarrak, eta Siverak ezin izan du ezer egin. Bigarren zatiaren hasieran denetik gertatu da. Hagik gol aukera ederra izan du hasi bezain pronto, baina jarraian txartel gorria ikusi du Blancok, Arnaizi egindako falta batengatik. Garcia Plazak hiru aldaketa egin ditu, eta, egiari zor, bat gutxiagorekin ere hobea izan da etxeko taldea. Osasuna oso motel jardun da. Alavesek, ordea, ez du golik sartu, eta Osasunak arriskua sortu du areara iritsi den aldi gutxietan. Lehenik, Ruben Garciak zutoinera bidali du burukada bat, eta, jarraian, Budimirrek sartu du partidako bigarren gola, Juan Cruzen jokaldi bat baliatuta. Sailkapen nagusian, behin-behinean, bederatzigarren da Osasuna, hamar punturekin, eta hamaseigarren Alaves, zazpirekin. Alaves: Sivera; Tenaglia (Gorosabel, 54'), Rafa Marin, Sedlar, Duarte; Gebara (Alkain, 82'), Blanco, Hagi (Benavidez, 54'); Sola, Luis Rioja (Karrikaburu, 82') eta Kike Garcia (Samu, 54'). Osasuna: Herrera (Aitor Fernandez, 79'); Ruben Peña, Catena, David Garcia, Juan Cruz; Iker Muñoz (Torro, 62'), Moncayola, Oroz; Ruben Garcia, Arnaiz (Areso, 67') eta Raul Garcia (Budimir, 67').
2023-10-1
https://www.berria.eus/albisteak/233481/ezkurdia-eta-mariezkurrena-caixabank-masterseko-txapeldunak.htm
Kirola
Ezkurdia eta Mariezkurrena, Caixabank Masterseko txapeldunak
Aise gailendu dira Altuna-Imazen aurka. Iazko garaipena errepikatu dute.
Ezkurdia eta Mariezkurrena, Caixabank Masterseko txapeldunak. Aise gailendu dira Altuna-Imazen aurka. Iazko garaipena errepikatu dute.
Joseba Ezkurdiak eta Jon Mariezkurrenak ikuskizuna eman dute Caixabank Masterseko finalean. Iazko irabazleek ez diete aukerarik eman Jokin Altunari eta Ander Imazi (22-6), eta garaipena eskuratu dute berriz Nafarroa Arenan. Ostiralean jokatu ziren finalerdietan, Ezkurdia-Mariezkurrena II.ak 22-20 irabazi zieten Jaka-Martijari. Altuna III.a-Imaz, berriz, 22-13 nagusitu ziren Peña II.a-Rezustaren aurka. Gaur, neurketaren hasieratik izan dira nagusi nafarrak (8-1). Ezkurdiak min egin du sakez, eta errematean ere asmatu du. Markagailuak 8-4 erakusten zuenean, partida lehia handikoa izango zela zirudien, baina gorriek berehala hartu dute olatu ona, beste behin (14-4). Amaieran, 22-6, erakustaldia eta txapela.
2023-10-2
https://www.berria.eus/albisteak/233482/gizon-bat-atxilotu-dute-senperen-etxean-armaturik-egon-ondoan.htm
Gizartea
Gizon bat atxilotu dute Senperen, etxean armaturik egon ondoan
Gizonaren andrea eta andre horren ama etxe barnean ziren, eta mehatxu egin zien. Bere buruaz beste egin nahi zuela ere erran zien. Gizona etxetik aterarazteko jendarmeria operazio bat egin dute Senperen.
Gizon bat atxilotu dute Senperen, etxean armaturik egon ondoan. Gizonaren andrea eta andre horren ama etxe barnean ziren, eta mehatxu egin zien. Bere buruaz beste egin nahi zuela ere erran zien. Gizona etxetik aterarazteko jendarmeria operazio bat egin dute Senperen.
Goizeko seietan hasi zuten operazioa jendarmeek Senperen (Lapurdi), andre baten eta haren amaren deia jaso ondoan. Andreak kontatu die haren senarra armaturik zela etxe barnean, bi emazteei mehatxu egin ziela, eta bere buruaz beste eginen zuela erran ziela. GIGN Esku Hartzeetarako Jendarmeriaren Taldea bidali zuten bertara, eta 09:30ean atxilotu dute gizona. Jendarmeen operazioa dela eta, Senpereko D307 bidea hetsirik egon da goizean, eta auzoko herritarrak aterarazi dituzte. Gizona atxilotu ondoan, «segurtasun neurriak» kendu dituzte.