date
stringdate
2012-09-20 00:00:00
2023-12-01 00:00:00
url
stringlengths
47
182
category
stringclasses
10 values
title
stringlengths
3
140
subtitle
stringlengths
0
1.17k
summary
stringlengths
5
1.18k
text
stringlengths
2
35.8k
2023-10-2
https://www.berria.eus/albisteak/233483/artozkira-ez-da-gutunik-heltzen-oroimena-eta-duintasuna.htm
Kultura
Artozkira ez da gutunik heltzen; oroimena eta duintasuna
Garikoitz Berasaluze idazleak idatzi du agiri hau, eta 41 artista eta eragileren babesa jaso du. Tartean dira Artezki erakusketan parte hartutako zenbait egile, pilotari ohi batzuk, zenbait musikari, Txalaparta argitaletxea eta Agoizko elkarte batzuk.
Artozkira ez da gutunik heltzen; oroimena eta duintasuna. Garikoitz Berasaluze idazleak idatzi du agiri hau, eta 41 artista eta eragileren babesa jaso du. Tartean dira Artezki erakusketan parte hartutako zenbait egile, pilotari ohi batzuk, zenbait musikari, Txalaparta argitaletxea eta Agoizko elkarte batzuk.
Artozkira ez da gutunik heltzen. Ur azpian daude postontzi guztiak. Baita telefonoak ere. Baina hogei urteren ondoren hango zenbakien dei galduak ditugu oraindik. Izan ere, memoriak bere bidean segitzen du. Ez dugu ahaztu gertatutakoa, eta ez dugu ahaztu nahi. Gure oroitzapenak, itsas galeretako oholak bezala, ez dira urtegi hondoan ezabatzen. Hogei urte igaro dira garai hartako Nafarroako Gobernuak bidalitako hondeamakinek Itoitz, Ezkai, Nagore, Muniain, Gorritz, Artzi, Orbaitz eta Artozki eraitsi zituztenetik. Itoizko urtegiaren ur azpian geratzera kondenatu zituzten etxeak eta herriak suntsitu zituzten, Itoitzekin Elkartasuna taldeko kideek eta haien deialdiari erantzun zioten bateko eta besteko lagunek herriak defendatu zituzten bitartean. Artozki izan zen azkena. Herria husteko eta botatzeko eguna heltzean, Artozkik beste 16 gau eta egun eman baitzituen bizirik. Iraila zen, munduaren nekea hostoetan, maite izan genituen gauzek zentzua galdu zutenean. Izan ere, herri bat desagertzea baino gehiago zegoen jokoan herri hartan, Irati ibaiaren magalean. Ezkila isilarazi nahi zuten. Baratzeak, pentzeak, labore-lurrak eta mahastiak urperatu, errotarekin batera. Sukaldeak betiko itzali. Herritarrak erbesteratu. Sustraiak ito. Baita mundu berri baten aldarria ere. Hura bihurtu baitzen Artozki: basakeriari aurre egiteko esperantza. Elkartasuna, mendekuaren gainetik. Duintasuna. Ama Lurraren taupada, porlanaren aurrean. Sormena, suntsiketa eragotzi nahian. Bizitzaren edertasuna, azken hatsaren atarian. Horregatik erantzun genion Artozki defendatzeko deiari eta gonbidapenari. Zubia baitzen Artozki. Mundu berri baterako zubia. Gure koloreak, hitzak eta akordeak eskaini genizkion. Artea. Suntsiketa eragotzi nahi izan zuen ekimena bihurtu zen Artezki, erresistentziaren estetika, eta koadroak, eskulturak, liburuak eta abestiak utzi genituen herrian, etxeak eta eraikinak babestuko zituztelakoan hondeamakinak iristen zirenean. Utopian sinetsi eta ibili egin ginen. Ederra izan zen. Zerua ilun, soineko beltz, baina Artozki hain eder. Herria eraitsi zuten egunean, ordea, gure lanak eraman zituen poliziak. Lapurtu egin zituzten koadroak eta eskulturak. Ez dugu bahiketa haren irudirik ikusi hogei urtean. Baina orain, ustekabean, berreskuratu egin ditugu haietako batzuk. Herria hondatzen eta hondoratzen baldin bazuten artelanak ere ur azpian geratzeko baldintzapean eman genituen, baina mendekua gure lanetaraino ere iritsi zen, eta ilunpean eduki dituzte orain arte. Hogei urte geroago, koadroa amaitu gabe dago. Artozkira ez da gutunik heltzen, baina amets egiten segitzen dugu. Berreskuratu ditugu kolore batzuk. Ezkil gabeko elizaren hondakinek ur azpian jarraituko dute. Beste teilatu batzuetan gabiltza orain. Baina memoriak bere bidea egin dezan eskatu nahi dugu. Suntsitu eta desagerrarazi zituzten herrien oroimena aldarrikatzearekin batera, oraindik bahituta dituen lanak itzultzeko eskatzen diogu Nafarroako Gobernuari. Bailara oso baten duintasuna eta bestelako mundu baten aldeko ametsa islatu zituen borroka baten ondarea diren heinean, gure lanek aitortza, egia eta argia merezi dute. Guztiak itzultzea eta desagerrarazitako herrien memoria bilduko duen gune duin eta iraunkorrean lekua izatea eskatzen dugu. AGIRI HONEKIN BAT EGIN DUTE ARTISTA ETA ERAGILE HAUEK: Txiki Agirre, Keixeta. Iñigo Altolagirre. Jose Ramon Anda Goikoetxea. Faustino Aranzabal Salegi. Allende Arnaitz. Koldo Arnanz Zufiaurre. Iker Basterretxea. Gari Berasaluze. Jabi Bergara. Javier Campo Amoros. Josetxo Crespo. Gonzalo Etxeberria. Patxi Eugi. Gari Garaialde. Juan Gorriti. Ander Hormazuri Alkiza. Patxi Huarte Aleman. Hurto Taldea. Joseba Lekuona Iaben. Iolandan Markiaran. Peio Martinez de Eulate. Anton Mendizabal. Luis Morea. Xabier Morras. Ana Mugeta Ripodas. Javier Muguruza.p> Fermin Muguruza. Iñaki Olazabal. Juanjo Oses. Dora Salazar. Pablo Sanchez Quiza. Barbara Stammel. Gorka Torra Roca. Txalaparta argitaletxea. Asisko Urmeneta. Beatriz de la Vega. Juan Luis Zabala. Enrike Zelaia. Usoa Zumeta. Agoizko Kirol Elkartea. Agoizko erraldoi eta buruhandien konpartsa.
2023-10-2
https://www.berria.eus/albisteak/233484/artozkin-galdutako-obrei-buruzko-azalpenak-eskatu-dizkiote-nafarroako-gobernuari.htm
Kultura
Artozkin galdutako obrei buruzko azalpenak eskatu dizkiote Nafarroako Gobernuari
Itoizko 'solidarioek' jendaurrean aurkeztu dituzte hogei urtez galdutzat jo ziren 31 artelanetatik hamalau. Iruñeko Geltokin egonen dira ikusgai urriaren 10 arte, eta Agoitzen urriaren 20tik aurrera.
Artozkin galdutako obrei buruzko azalpenak eskatu dizkiote Nafarroako Gobernuari. Itoizko 'solidarioek' jendaurrean aurkeztu dituzte hogei urtez galdutzat jo ziren 31 artelanetatik hamalau. Iruñeko Geltokin egonen dira ikusgai urriaren 10 arte, eta Agoitzen urriaren 20tik aurrera.
«Artelan horien kontrolean halako zabarkeriaz eta utzikeriaz jokatu izana onartezina da. Hamalau obra berreskuratu ditugu; erdiak, gutxi gorabehera. Baina non daude gainerakoak? Zer gertatu da haiekin? Zein ziren obra horien zaintza katearen arduradunak? Erantzunak exijitzen ditugu, eta falta diren obrak itzultzeko ere bai». Interpelazio hori egin diote Itoizko solidarioek Nafarroako Gobernuari gaur goizean, Artozkin duela hogei urte egindako erakusketako artelan batzuk berreskuratu dituzten honetan. Zehazki, 2003ko irailean Artozkiko elizan ikusgai jarritako 31 obretatik hamalau agertu dira, eta besteen arrastorik ez dago. Justu gaur duela hogei urte bukatu zituzten hondeamakinek Artozkiko herria botatzeko lanak, Itoizko urtegia urez betetzen hasi ahal izateko. Bi aste iraun zuen herria defenditzeko erresistentziak, eta 2003ko irailaren 30ean sartu ziren poliziak herrira; solidarioak atera, eta etxeak bota zituzten. Artozki babesteko herrian bertan antolatu zituzten ekitaldien artean, arte erakusketa bat ere atondu zuten; artista ugarik eman zituzten beren obrak, bertan suntsitu edo urpean gera zitezen. Baina poliziek eraman egin zituzten, eta hogei urtez «bulego ofizialetan» egon direla azaldu du Lorena Beroiz urtegiak kaltetu egindakoen plataformako kideak. Orain agertu dira artelan horietako batzuk, BERRIAk atzo aurreratu zuenez. Orain agertu diren hamalau obra horiek Itoizko solidarioen esku utzi dituzte, «anonimoki». Iruñeko Geltokin jarri dituzte ikusgai, erakusketan, eta gaurtik urriaren 10 arte bertan egongo dira, nahi duten guztiek ikus ditzaten, 17:00etatik 21:00etara. Urriaren 20tik aurrera, berriz, Agoizko kultur etxean jarriko dituzte ikusgai. Tartean dira Jose Luis Zumetaren, Juan Gorritiren, Jose Ramon Andaren, Txiki Agirre Keixeta-ren eta Anton Mendizabalen artelan batzuk. Itoizko solidarioek eta urtegiak kalte egindako herritarren batzarrak agerraldia egin dute gaur goizean, Geltokin bertan; artelan horien ibileren berri eman dute , eta zenbait salaketa egin dituzte. Haiekin batera agertu dira zenbait artista eta sortzaile. Gari Berasaluze idazleak agiri bat prestatu du, Artozkira ez da gutunik heltzen; oroimena eta duintasuna, eta agiri hori ere aurkeztu dute gaurko ekitaldian. 41 artista eta eragileren atxikimendua izan du agiri horrek. Ekitaldiak Agoitzen Urria baliatu nahi dute solidarioek, urteurrenaren aitzakian zenbait ekitaldi eginez borroka hura gogoratzeko. Artozkiko artelanak Geltokin ikusgai jartzeaz aparte, urriaren 10ean mahai inguru bat egingo dute, 19:00etan: Itoitz: atzo eta gaur. Gero Agoizko kultur etxera eramango dute erakusketa; urriaren 20an inauguratuko dute, 18:00etan; azaroaren 4 arte egongo dira bertan, eta 18:00etatik 20:00etara ikusi ahalko dira. Erakusketaren abaroan, urriaren 21ean zenbait ekitaldi egingo dituzte Agoitzen bertan, Lurra Defenditzeko Eguna izendatuta. 11:00etatik aurrera ekitaldiak, musika, herri bazkaria eta abar izango dira. Jaso dituzten obrekin, eta falta direnak agertuko balira horiekin guztiekin, museo bat sortzeko asmoa agertu dute solidarioek. Artearen, Memoriaren eta Lurraren Defentsaren Museoa deitu diote, eta «Itoizko urtegiak suntsitutako ibar eta herrien memoria gordetzeko» funtzioa edukiko luke. Argazki galeria: Artozkin galdutako obretatik hamalau Ekintza sorta horrekin, gogora ekarri nahi dute «bizilagunek nolako duintasuna izan zuten beren herriak defendatzen, eta nola ekintzaileen erresistentzia tinkoa izan zen, beren bizitzak arriskuan jartzeaz gainera dozenaka atxilotu baitzituzten, eta tratu txarrak jasan baitzituzten». Nabarmendu dute «egungo krisi ekosozialaren erdian» ezinbestekoak direla urtegiak azpian hartutakoen gisako bailarak. «Urteurren honek balio beza oroimenerako, baina baita etorkizunerako dei gisa ere, lurra defenditzen jarraitzeko». Alde horretatik, Nafarroako ubidearen bigarren fasea eta Esako urtegia handitzeko lanak bertan behera uzteko eskatu dute. Memoria ariketa bat ere egin dute agerraldian. Hogei urte bete baitira, justu, urtegiaren aurkako erresistentzia borroka hura bukatu zenetik: gogora ekarri dute «ehunka lagunek» parte hartu zutela borroka hartan, eta poliziek «bortizkeria» handia erabili zutela herriak husteko. Artozki defenditzeko ekina berezia izan zen, besteak beste sortzaileen laguntza izan zutelako. Arte erakusketaz aparte, kontzertuak, mural pintaketak eta kultur ekintzak ere antolatu zituzten. «2003ko irailaren 30eko goizaldean, tragikoki suntsitua izan zen hori guztia», adierazi du Beroizek. Foruzainak, guardia zibilak eta hondeamakinak sartu ziren herrira egun hartan, eta bi egun behar izan zituzten etxeetan eta teilatuetan gotortu ziren solidarioak handik ateratzeko. Haiek atera ahala, etxeak birrindu zituzten. 2003ko urriaren 2ko goizean bukatu zuten etxeak botatzen. «Horren aurretik, poliziek artelanak atera zituzten elizatik, eta haietako batzuk, behintzat, eraikuntza ofizial batean egon dira urteetan», gaur Beroizek azaldu dutenez. Artezki. Izen hori eman zioten Artozkiko arte erakusketari. Solidarioek uste dute Artezki-ko artelan horiek «Iratiko eta Urrobiko herritarrek eta Itoizko urtegiaren azpiegituraren kontrako oposizioak jasandako inposizioaren, gutxiespenaren, umiliazioaren eta lapurretaren metafora bat» direla, ikusita nola tratatuak izan diren obrak. Bestalde, gogorarazi dute ez zizkietela itzuli Artozki eta Itoitz herriak hustu zituztenean poliziek ekintzaileei «ostutako» hainbat material eta ondasun.
2023-10-2
https://www.berria.eus/albisteak/233485/jendez-eta-zubiz-betetako-errioa.htm
Bizigiro
Jendez eta zubiz betetako errioa
Milaka lagunek parte hartu dute Errenteriako Kilometroak jaian. Udazken beteko uda giroa lagun, urte osoko jarduna borobildu dute Orereta ikastolakoek. Euskara, eta euskal kultura sustatu nahi dituzte lortutakoarekin: «Herria, nazio ikuspegia, komunitatea eta elkartasuna beste ikastolekin»
Jendez eta zubiz betetako errioa. Milaka lagunek parte hartu dute Errenteriako Kilometroak jaian. Udazken beteko uda giroa lagun, urte osoko jarduna borobildu dute Orereta ikastolakoek. Euskara, eta euskal kultura sustatu nahi dituzte lortutakoarekin: «Herria, nazio ikuspegia, komunitatea eta elkartasuna beste ikastolekin»
«Marea bizi bat» izan zela diote antolatzaileek. Eta ez da ausaz aukeratutakoa izan marea hitza Kilometroak jaiaren joana definitzeko. Kostaldeko herria izan gabe, mareak eragiten baitu Errenteriako (Gipuzkoa) errioan. Eta haren gainean eraikitzen diren zubien inguruan asmatu baitute aurtengorako leloa: Erriola. Alegia, Oiartzun errioaren magaleko faktoria. Uraren gazi-gozoak, gorabeherek eta zubiek josten duten komunitatea. Eta komunitate horrek guztiak egin zuen bat atzo Errenterian. Udazken beteko uda giroa lagun, milaka izan ziren Orereta ikastolak antolatutako Kilometroak jaira bertaratu zirenak. Gustua eta aldarte guztietarako eskaintza izan zuten: musika, ikuskizunak, haur jolasak eta eskaintza gastronomiko oparoa. Errioaren bi ertzetan jarri zituzten guneak, elkarrengandik gertu, eta izen bereziak jarrita, Errenteriako historia industrialari erreferentzia eginez: Galletera, Lino, Esmalteria, Zamalbide... Jai giro ederra nagusitu zen guztietan. Orereta ikastolako lehendakari Itziar Navarrok aitortu du «bestondo emozional handiarekin» abiatu duela astelehena: «Oso pozik gaude. Egia da urte osoan oso momentu bereziak bizi izan ditugula, baina badirudi azkeneko horrekin gelditzen zarela: bertsotan bezala, azken puntuarekin. Oso polita izan zen». Gustura dago Navarro; nabarmendu du «ilusioa» ikusi zuela herritarrengan: «Kanpotik etorri zirenengan zein egun osoan zehar lanean ibili zirenengan. Zeren 1.200 lagun ibili baitziren guztira lanean, eta kopuru handia da hori. Denak prest laguntzeko, irribarre batekin, ilusioz... Oso pozik gaude herria horrela ikusita, bai atzo eta bai aurreko egunetan. Pozik eta hunkituta sumatu nuen jendea». Antolatzaileek zubigintzan eta elkarlanean egin dute azpimarra urte osoan zehar: ikastola denona dela. «Ikastola herriko familia batzuek sortu zuten. Erdigunetik mugitu ginenean, lur haiek erosteko dirua ere herritarrek eta familiek jarri zuten. Urteek aurrera egin ahala, badirudi hori ahaztu egiten zaigula, baina guk hasieratik erakutsi nahi izan dugu hori: ikastola denona dela, eta denontzat. Urtean zehar eta baita egunean bertan ere, herriko hainbat eragilek parte hartzea eta herriko taldeentzat ere erakusleiho bat izatea oso aberasgarria izan da, eta hori ere lortu nahi genuen». Dantzari herria eta herri dantzaria ere bada Errenteria. Eguneko irudi askotan agertzen da jendea dantzan, eta hasierako ekitaldian ere egin zuten keinu berezi bat. Han izan ziren, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratz, Gipuzkoako ahaldun nagusi Eider Mendoza, herriko alkate Aizpea Otaegi eta Ikastolen Elkarteko lehendakari Nekane Artola. «Hasierako ekitaldia apur bat aldatu genuen: ez zen horren estatikoa izan. Ongietorriaren ondoren, ekitaldia sokadantza batekin hasi genuen. Helburua zen denok elkarri eskutik helduta hastea, horrela gehiago egin dezakegula irudikatuz. Ikasleak, familiak, erakundeetako ordezkariak... sartu genituen elkarrekin, eta metafora hori ere oso polita izan zen», nabarmendu du Orereta ikastolako lehendakariak. Elkarlanaren eredu Izan ere, Hezkuntza Legearen onarpena puri-purian dagoen honetan, Errenteriako Kilometroak jaia «elkarlanaren eredu» gisa jarri zuten agintariek. Navarro lehendakariak ere nabarmendu du hori: «Hezkuntza herri baten oinarrietako bat da, eta ez du zentzurik horretan ika-mikan hasteak». Ikastolen jaiak eredu berria dauka joan den urtetik: ekitaldien eskaintza Kilometroen egunean pilatu beharrean, urte guztian banatzea; jai eredu desberdina osatzea, parte hartzaileagoa; ibilbiderik gabeko Kilometroak eguna; eta herri bakoitzak bere nortasunari eta neurriari egokitutako jaia. Navarrok dio eredu berria eredu «malgua» dela: «Eta aukera ematen dio ikastola bakoitzari bere modura antolatzeko. Errenteria oso herri bizia da, eta urte osoan zehar egitasmo asko egin ditugu. Euskal Herri osoari begira batzuk —Euskaldunon Egunkaria-ren itxierari eta BERRIAren sorrerari buruzkoa, esaterako—, eta herriari eta komunitateari begira beste asko. Indar asko egin dugu horretan. Malgua da eredua, eta ez zaio beldurrik izan behar malgutasun horri. Guk apustu hori egin dugu: urte osoan plaza bat izatea, eta atzokoa izatea ibilbide horren amaiera». Eta amaitu da ibilbidearen zati bat. Bestea gelditzen da: nora eta nola bideratu lortutako dirua. «Hasieratik jarri genituen hiru helburu, eta horietara bideratuko dugu», azaldu du Navarrok berak. Bata: «Argi geneukan Kilometroak festa ezin zela izan bakarrik ikastolarentzat, herrian ere zerbait utzi behar zuela, eta ikastolak herriari egiten dion ekarpenik handiena euskarari eta euskal kulturari lotuta dago. Hasieratik erabaki genuen herriko eragileekin, hizkuntza eragileekin, euskalgintzakoekin, proiektu bat definituko genuela euskararen erabilera bultzatzeko. Elkarrekin definituko dugu, eta horretara bideratuko ditugu baliabideak. Bestea: «Orereta ikastolak badu hitzarmen bat Ipar Euskal Herriko ikastolekin: Zubiak Eraikiz. Hendaia, Biriatu, Ziburu eta Urruñarekin hasi ginen duela urte batzuk, baita Nafarroako Lesaka eta Berarekin ere. Estutu ditugu harremanak, eta proiektu horrek ere behar ditu baliabideak. Oinarrian zera dago, ikasleek elkar ezagutzea, komunitateek elkar ezagutzea, eta hori ere elikatu nahi dugu». Hirugarrena, eta azkena: «Orereta ikastolak badu baserri bat Añabitarte inguruan, urte hauetan guztietan komunitatearen bihotza izan dena, ikasle izandakoek bereziki estimatzen dutena, eta inguru hori birmoldatu eta berriro ere komunitatearen topagune bihurtzea da helburua». Kontuak ateratzeko eta kopuruei buruz hitz egiteko garaiz da oraindik. Bestelakoa da balorazioa: «Guk jendea ikusi genuen kalean. Eta pozik gaude horrekin. Kopurua ez da garrantzitsuena. Aurpegiak eta jendearen ilusioa, nola gozatu zuten, horrekin geldituko gara».
2023-10-2
https://www.berria.eus/albisteak/233486/laquoborroka-ziklo-berri-batraquo-dagoela-esan-dute-zelaiak-eta-barbadok.htm
Politika
«Borroka ziklo berri bat» dagoela esan dute Zelaiak eta Barbadok
Atxilotu aurreko bideo batean, adierazi dute beren kontrako prozesua «herri oso baten kontrako erasoa» dela. Borrokari «esparru guztietatik» ekin behar zaio Euskal Herriak «aurrera» egin dezan.
«Borroka ziklo berri bat» dagoela esan dute Zelaiak eta Barbadok. Atxilotu aurreko bideo batean, adierazi dute beren kontrako prozesua «herri oso baten kontrako erasoa» dela. Borrokari «esparru guztietatik» ekin behar zaio Euskal Herriak «aurrera» egin dezan.
Herenegun atxilotu zituzten Aitor Zelaia eta Galder Barbado, Espainiako Auzitegi Nazionalak ezarritako launa urteko kartzela zigorra betearazteko. Irail erdialdean jaso zuten espetxeratze agindua; borondatezko hamar eguneko epea amaituta, Espainiako Auzitegi Gorenak atxilotze agindua eman zuen Zelaiaren eta Barbadoren aurka. Gasteizko Gobernu Militarreko balkoian agertu ziren biak larunbatean. Ehunka ertzain zeuden Leizaola plazan; bi gazteak balkoira irten eta ordubete geroago, ertzainak eraikinean sartu ziren, eta atxilotu egin zituzten. Naiz.eus-ek Zelaiaren eta Barbadoren bideo bat argitaratu zuen atzo, biak atxilotu aurretik grabatutakoa. «Borroka kate baten bi katebegi besterik ez gara», adierazi zuten, eta horretan jarraitzeko konpromisoa erakutsi: «Orain, borroka ziklo berri batean kokatzen da gure herria. Borrokari esparru guztietatik ekin behar diogu Euskal Herriak aurrera egin dezan». 2019ko otsailean atxilotu zituzten bi gazteak; handik urte erdira utzi zituzten aske, bermea ordainarazita. Madrilgo Sotoko espetxean eta Zaragozan igaro zuten espetxealdia. Ordutik hona emandako babesa eta haien aurkako prozesua salatzeko izandako ekinaldi guztiak eskertu dituzte Zelaiak eta Barbadok bideoan: «Argi geratu da hemen herri duin bat dagoela, bere jendea zaintzen duen herri bat». «Hau ez da gu bion kontrako erasoa», esan dute argi, «herri oso baten kontrako erasoa baizik». Larunbatean, babesa erakutsi zieten Zelaiari eta Barbadori Leizaola plazan ziren batzuek, eta, gero, erantzuna izan zuten atxiloketek: milaka lagunek manifestazioa egin zuten Artiumetik Foru plazaraino, Euskal Herriak aurrera lelopean. Ankerkeria Stop plataformak galdegin zuen atzean uztea «Ertzaintzaren eta Auzitegi Nazionalaren pertsekuzioa», «auzoz auzoko eta herriz herriko» borrokaren bitartez. Lehenbizikoz atxilotu zituztenetik bi gazteen konpromiso politikoa zigortzeko asmotan dabiltzala azpimarratu zuen plataformak. Dena dela, erresistentziarako jarrera erakutsi zuten manifestazioan: «Berriro ere galdu egin dute herri hau kartzelan itotzea nahi dutenek». Lau urte baino gehiago Duela lau urte pasatxo hasi zen Zelaiaren eta Barbadoren aurkako prozesua. Ertzaintzak 2019ko otsailean atxilotu zituen bi gazteak, Auzitegi Nazionaleko Maria Tardon instrukzio epaileak aginduta. Biei leporatu zieten Ertzaintzak hilabete batzuk lehenago Duran (Arrantzua-Ubarrundia, Araba) aurkitutako lehergailu materialaren erantzuleak izatea eta, beraz, «armak, munizioak eta lehergailuak edukitzea, eta horiek helburu terroristekin gordetzea eta trafikatzea». Ia urte eta erdi egin zuten behin-behineko espetxealdian, 2019tik 2020ra, epaiketaren zain. Epaiketa amaituta, launa urteko espetxe zigorrak ezarri zizkien Espainiako Auzitegi Nazionalak 2021ean. Helegitea aurkeztu zuten ebazpenaren aurka, baina aurtengo maiatzean Auzitegi Gorenak berretsi egin zuen lehen epaia. Hala, aurreko astean espetxeratzeko agindua eman zieten bi gazteei. Epaiaren eta espetxeratzeko aginduaren kontrako hainbat protesta egin dira azken urteetan, eta horiek areagotu egin dira azken egunetan. Gazteen babeserako Ankerkeriari Stop taldeak salatu izan du «Ertzaintzak kozinatutako prozesua» izan dela Barbadoren eta Zelaiaren aurkakoa. Irailaren 18an, gazteen aldeko elkartasun martxetan ehunka lagun bildu ziren Agurainen, Amurrion eta Gasteizen, Ankerkeriari Stop plataformak deituta. Eta irailaren 22an Ernaik protesta egin zuen Bilbon eta Gasteizen. Espainiako Gobernuak Bilbon duen ordezkaritzan eta Ertzaintzaren Gasteizko egoitzan kateatu ziren hainbat gazte. Hiru pertsona atxilotu zituzten, eta ehun pertsona baino gehiago identifikatu.
2023-10-2
https://www.berria.eus/albisteak/233487/osakidetza-datorren-astean-hasiko-da-gripearen-eta-covid-19aren-aurkako-txertoak-jartzen.htm
Gizartea
Osakidetza datorren astean hasiko da gripearen eta COVID-19aren aurkako txertoak jartzen
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gaurtik har dezakete ordua arrisku taldeetakoek eta 60 urtetik gorakoek. Estreinakoz, sei hilabete eta bost urte arteko haurrek ere hartu ahalko dute gripearen aurkako txertoa.
Osakidetza datorren astean hasiko da gripearen eta COVID-19aren aurkako txertoak jartzen. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gaurtik har dezakete ordua arrisku taldeetakoek eta 60 urtetik gorakoek. Estreinakoz, sei hilabete eta bost urte arteko haurrek ere hartu ahalko dute gripearen aurkako txertoa.
Aurten ere, aldi berean emango ditu Osakidetzak COVID-19aren eta gripearen aurkako txertoak, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak prentsaurrekoan azaldu duenez. Osasun langileei lana «errazteko» eta «herritarren erosotasuna lortzeko» jarriko dituzte bi txertoak aldi berean. Nolanahi ere, bi txertoak hartzea ez da derrigorrezkoa, eta posible da gaitz horietako baten aurka soilik txertatzea. Epeei dagokienez, arrisku taldekoak izango dira txertoa hartzen lehenak; talde horren barruan hauek sartu ditu Osakidetzak: 60 urtetik gorako pertsonak, gaixo kronikoak, haurdun dauden emakumeak, osasun langileak eta immunoeskasia duten pertsonak. Talde horretan daudenek, gaurtik aurrera eska dezakete ordua –dela telefono bidez, dela webgunean ordua hartuta–, eta urriaren 9tik aurrera hartu ahalko dute txertoa. Aurtengo berritasunen artean aipatzekoa da arrisku taldeko gutxieneko adina 65 urtetik 60 urtera jaitsi dutela. Osakidetzak joan den astean abiatu zuen txertaketa kanpaina adinekoen egoitzetan. Txertoa hartu nahi duten gainerako biztanleek urriaren 30etik aurrera eskatu ahal izango dute ordua, azaroaren 6tik aurrera txertatu ahal izateko. Aurten, gainera, lehen aldiz eskainiko zaie gripearen aurkako txertoa sei hilabete eta bost urte bitarteko haurrei –73.000 haur inguru dira–. Guztira, Osakidetzak gripearen aurkako 864.720 dosi ditu, eta COVID-19aren aurkako beste 400.000. Bi txertoen osaera eguneratua dute, aldaera desberdinen aurkako babes handiagoa bermatzeko. Hobe da prebenitzea sendatzea baino. Hartu txertoa leloa du aurtengo txertaketa kanpainak. Helburua da «pertsona ahulenen» osasuna zaintzea, eta, era berean, osasun kolektiboa babestea Osasun Publikoko zuzendari Itziar Larizgoitiak eta gripearen kanpainaren koordinatzaile Enrique Peirok azaldu dutenez. Sagarduik gaineratu du une bakoitzeko egoera epidemiologikoa edozein dela ere, herritarrei ahalik eta babes handiena eskaini behar zaiela, bereziki «pertsona ahulenei». Hala, gogorarazi du Euskadik 35 urte daramatzala gripearen aurkako txertaketa kanpaina egiten, eta, 2021az geroztik, baita COVID-19aren aurkakoa ere. Azpimarratu du txertoa dela oraindik prebentzio neurririk eraginkorrena gripeari zein COVID-19ari aurre egiteko. Ipar Euskal Herrian, kanpaina lehenago Gaur abiatu da Ipar Euskal Herrian COVID-19aren aurkako txertaketa kanpaina, hasieran iragarri baino bi aste lehenago. Frantziako Gobernuko osasun agintariek esana zuten urriaren 17an hasiko zutela txertaketa, baina, koronabirus kasuek azkenaldian gora egin dutenez, bi aste aurreratzea erabaki dute. Osasun agintariek 65 urtetik gorakoei gomendatu diete txertoa hartzea, bai eta bihotzeko edo arnas aparatuko arazoak dituzten edozein adinetako pertsonei, immunoeskasia dutenei eta haurdun dauden emakumeei ere. Halaber, indartze dosia hartzea gomendatu diete arrisku gehien duten pertsonekin bizi direnei edo haiekin maiz harremanetan daudenei.
2023-10-2
https://www.berria.eus/albisteak/233488/eh-bilduren-ustez-lanbide-indartzea-izan-behar-da-enplegu-legearen-xedea.htm
Ekonomia
EH Bilduren ustez, Lanbide indartzea izan behar da Enplegu Legearen xedea
Koalizioak 50 zuzenketa aurkeztu dizkio lege proiektuari. Enplegu politika pasiboen faltan, legea mugatua izango dela dio. Lanbide zuzenbide publikoko erakunde publiko bihurtzearen kontra dago EH Bildu.
EH Bilduren ustez, Lanbide indartzea izan behar da Enplegu Legearen xedea. Koalizioak 50 zuzenketa aurkeztu dizkio lege proiektuari. Enplegu politika pasiboen faltan, legea mugatua izango dela dio. Lanbide zuzenbide publikoko erakunde publiko bihurtzearen kontra dago EH Bildu.
EH Bilduk 50 zuzenketa aurkeztuko dizkio Enplegu Legearen proiektuari. Pazis Garcia legebiltzarkidearen arabera, koalizioak lege proiektua hobetu nahi du, «betiere argi edukita legea defizit handi batekin jaioko dela, enplegu politika aktiboak bakarrik arautuko dituelako». Garciak azaldu du nola politika pasiboek, langabezia prestazioei buruzkoek kanpoan jarraituko duten, «horien inguruko transferentzia oraindik egin gabe dagoelako, nahiz eta Autonomia Estatutuan jasota egon eta legebiltzar honek eta gehiengo sindikalak aldarrikatzen duten. Beraz, lege mugatua izango da, ez baitu enplegu politika publiko integral bat garatzeko aukerarik emango». Abiapuntu horrekin, koalizioaren ustez, Enplegu Legearen helburu nagusia Lanbide izan behar da, eta horretara datoz zuzenketak. «Lanbide euskal enplegu zerbitzu bezala indartzeko balio behar duelako legeak». Ildo horretan, koalizioak gaitzetsi egin du lege proiektua Lanbideren izaeraz jasotzen duen asmoa, Lanbide zuzenbide pribatuko erakunde publiko bihurtzekoa. «Lanbidek egungo izaera juridikoari eutsi behar dio», EH Bilduren ustez, «erakunde autonomo gisa, figura horrek kontrol publikoa eta gardentasuna hobeto bermatzen dituelako». Funtzio Publikoaren txostena ere aldaketaren aurkakoa dela gogoratu du Garciak. Horrez gain, bermatu behar da Lanbidek beharrezko dituen baliabideak edukiko dituela ere, bai langile taldean eta bai prestakuntza arloan eta materialetan ere. Kooperatibak Lanbideren administrazio kontseiluan parte hartzearen aldekoa da EH Bildu. Garciaren arabera, «ez dago inolako justifikaziorik euskal kooperatiben mugimendua Lanbidetik kanpo uzteko, gizartean dituen sustraiengatik eta euskal ekonomian duen pisuagatik; Enplegu Legeak ezin du Confebasken betoa ontzat eman». Lanbideren zerbitzuen inguruko zuzenketak ere aurkeztu ditu EH Bilduk. Garciaren aburuz, Lanbide indartzearekin etorri beharko litzateke hura«erreferentzia nagusia bihurtzea etxeko enplegua kontratatzean, bai sektore horretan lan bila ari diren pertsonentzat, bai enplegu emaileentzat». Enplegu agentzia pribatuen esku hartzea mugatu beharko dela uste du EH Bilduk. Enplegu inklusiboa, gazte enplegua sustatzeko kalitatezko programak eta enplegua eta lana sinonimotzat jotzen dituen terminologiaren berrikuspena dira, EH Bilduren zuzenketek ukitzen dituzten beste gai batzuk. Koalizioak uste du, halaber, Lanbidek prestakuntza ikastaroak euskaraz egiteko eskubidea bermatu behar duela, «eta euskararen ezagutza bultzatu, enplegagarritasuna hobetzeko elementu positibo gisa».
2023-10-2
https://www.berria.eus/albisteak/233489/ankarako-atentatuaren-ostean-turkiako-armadak-eraso-egin-dio-pkkri.htm
Mundua
Ankarako atentatuaren ostean, Turkiako armadak eraso egin dio PKKri
Defentsa ministroak esan du militante kurdu «asko» hil dituztela. Poliziak ere operazio bat egin du, eta gutxienez hogei lagun atxilotu ditu; tartean, HDPko zenbait kide.
Ankarako atentatuaren ostean, Turkiako armadak eraso egin dio PKKri. Defentsa ministroak esan du militante kurdu «asko» hil dituztela. Poliziak ere operazio bat egin du, eta gutxienez hogei lagun atxilotu ditu; tartean, HDPko zenbait kide.
Ankarako atentatuaren ondoren, Turkiako armadak eraso egin zion atzo PKK Kurdistango Langileen Alderdiari, alderdi-miliziak Iraken menpeko Kurdistanen dituen baseak bonbardatuta. Ali Yerlikaia Barne ministroak gaur azaldu duenez, «hogei helburu» suntsitu dituzte; tartean, «kobazuloak, bunkerrak, aterpeak eta biltegiak». Eta eraso horretan PKK-ko militante «asko» hil dituzte, Yerlikaiaren arabera; hori bai, ez du kopururik jakinarazi. Kurdistango alderdi-miliziak atzo hartu zuen bere gain egun horretan egindako erasoa. PKK-ko bi kidek bonba bat leherrarazi zuten Turkiako Barne Ministerioaren egoitzaren parean, Ankaran, eta bi polizia zauritu zituzten; gobernuaren arabera, erasotzaileetako bat leherketan hil zen, eta bestea poliziek hil zuten, hari tiro eginda. PKKren erasoak gaitzespena eragin zuen nazioartean, eta, besteak beste, EB Europako Batasunak, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak eta herrialde arabiarrek elkartasuna adierazi zioten Turkiari atzo. Alderdi-miliziaren helburua zen erasoa Turkiako Parlamentuaren irekiera saioan egitea —ordu batzuk lehenago izan zen—, ANF albiste agentziak argitaraturiko komunikatu baten bidez jakinarazi zuenez. Hain justu, parlamentuaren hitzordu horretan bertan, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak esan zuen «herritarren bakea eta segurtasuna mehatxatu nahi dutenek» ez dituztela «lortu beren helburuak, eta ez dituzte lortuko». Eta adierazpen horien ondoren egin zituen bonbardaketak Turkiako armadak, Iraken menpeko Kurdistango lau eskualdetan —Metinan, Hakurken, Qandilem eta Garan—. Horrekin batera, Poliziak operazio bat egin zuen Turkia mendebaldean, eta gutxienez hogei lagun atxilotu zituen; tartean, HDP Herrien Alderdi Demokratikoko zenbait kide —alderdiaren barrutietako presidente batzuk, esaterako—. Ankarak argudiatzen du PKKrekin lotura duela HDPk —beste alderdi batzuekin osatzen duen koalizioa hirugarren indarra da Turkiako Parlamentuan—, baina alderdi horrek beti erantzun du ez dagoela harremanik bien artean. Edonola ere, ustezko lotura hori baliatuta, Turkiako Poliziak urteotan hainbat operazio egin ditu HDPkoen eta horren jarraitzaileen aurka, eta milaka lagun espetxeratu dituzte. Bigarren erasoa urtebetean PKKren atzoko erasoaren aurretik izan dira atentatu gehiago Turkian. Iragan azaroan, esaterako, bonba bat leherrarazi zuten Istanbul erdigunean, eta sei lagun hil eta 81 zauritu zituzten. Gobernuak alderdi-miliziari leporatu zion erasoa, baina PKK-k erantzun zuen ez zuela zerikusirik izan atentatu horrekin, ez dituelako «zibilak jomugan». Eta, lehenago, hildakoen kopuruei erreparatuz gero, azken urteetan izandako erasorik larrienak 2015 eta 2017 bitartean egindako zenbait izan dira. 2015eko urrian, esaterako, gutxienez 109 lagun hil zituzten Ankaran, bi bonba leherrarazita; inork ez zuen bere gain hartu atentatu hori, eta ikerlariek ez zuten lortu ezer argitzea, nahiz eta susmoak zituzten EI Estatu Islamikoa izan zela erruduna. 2016ko martxoan ere gutxienez 37 lagun hil zituzten Turkiako hiriburuan, bi bonba leherrarazita; TAK Kurdistan Askatzeko Belatzak talde armatuak bere gain hartu zuen erasoa. Hiri horretan ere, urte hartako ekainean eraso bat egin zuten Ataturk aireportuan, eta gutxienez 45 lagun hil zituzten —inork ez zuen bere gain hartu—. Bi hilabete geroago, abuztuan, Turkia hegoaldean bonba bat leherrarazi zuten ezkontza batean, eta gutxienez 57 lagun hil zituzten; gobernuak EIri leporatu zion erasoa. Eta 2017ko Urteberri egunean, muturreko jihadistek gutxienez 39 lagun hil zituzten Istanbulgo dantzaleku batean.
2023-10-2
https://www.berria.eus/albisteak/233490/urriaren-16tik-28ra-egingo-dute-zinemakumeak-gara-jaialdia.htm
Kultura
Urriaren 16tik 28ra egingo dute Zinemakumeak Gara jaialdia
Emakumeek zuzendutako filmei ikusgaitasuna ematea du helburu jaialdiak. Bilbon egingo dute urriaren 16tik urriaren 31ra, eta beste udalerri batzuetara hedatuko da gero.
Urriaren 16tik 28ra egingo dute Zinemakumeak Gara jaialdia. Emakumeek zuzendutako filmei ikusgaitasuna ematea du helburu jaialdiak. Bilbon egingo dute urriaren 16tik urriaren 31ra, eta beste udalerri batzuetara hedatuko da gero.
Alice Guy (Paris, Frantzia, 1873-New Jersey, AEB, 1968) zinema narratiboaren lehen zuzendaria omenduko dute aurten Zinemakumeak Gara jaialdiaren 28. aldian. Urriaren 16tik 31ra bitarte egingo dute, eta proiekzioak, tailerrak, mahai inguruak, hitzaldiak eta erakusketak antolatu dituzte Bilboko hainbat tokitan. Handik astebetera, Basaurira, Portugaletera eta Bermeora hedatuko da jaialdia. Nazioarteko zinemaldietan emandako edota saritutako bederatzi film proiektatuko dituzte denera: Las buenas compañías (Silvia Munt), Blue Black Permanent (Margaret Tait), Diabolo Menthe (Diane Kurys), The Bride (Myriam U. Birata), Totem (Lila Aviles), Tiger Stripes (Amanda Nell Eu), El proxeneta. Paso corto, mala leche (Mabel Lozano), La chimera (Alice Rohrwacher) eta La imatge permanent (Laura Ferres). Horiez gainera, Isabel Hergueraren El sueño de la sultana animaziozko filma ere proiektatuko dute urriaren 27an. Bestalde, urriaren 19an bost film labur emango dituzte Bilbo Arten: Alegre y olé (Clara Santaolaya), Anatomía dunha serea (Adriana Paramo), Harta (Julia de Paz), Hondarrak (Paula Iglesias eta Marta Gomez) eta La loca y el feminista (Sandra Gallego). Jaialdiak irauten duen egunetan, gainera, Indómitas: una genealogía de mujeres cineastas erakusketa egongo da ikusgai Indautxuko metro geltokian. Hitzaldiak eta mahai inguruak Jaialdia urriaren 16an hasiko bada ere, urriaren 26an egingo dute inaugurazio ekitaldia, BBK aretoan. Simone de Beauvoir saria ere orduan banatuko dute. Aurten, Silvia Munt aktore eta zuzendariak jasoko du. Zinemaz harago, bestelako ekintzak ere eskainiko dituzte. Bizkaiko Batzar Nagusietan, esaterako, bi hitzaldi egingo dituzte: Alice guztiak eta Zineaz hitz egiten. Urriaren 17an eta 27an izango dira, hurrenez hurren. Urriaren 30ean, berriz, Sexu indarkerien aurkako psikologia. Prostituzioa eta sexu esplotaziorako gizakien salerosketa mahai ingurua egingo dute. Amaitzeko, urriaren 23an, 24an eta 25ean, Léelas como una chica (genero-ikuspegia duen analisi zinematografiko bat) tailerra emango dute Deborah Garcia eta Tania Lopez arte historialariek, BBK aretoan. Zinemakumeak Gara proiektua Simone De Beauvoir talde feministak jarri zuen martxan, 1996an, eta emakumeek zuzendutako lanak bistaratzea izan du helburu hasieratik.
2023-10-2
https://www.berria.eus/albisteak/233491/katalin-karikok-eta-drew-weissmanek-jasoko-dute-medikuntzako-nobel-saria.htm
Gizartea
Katalin Karikok eta Drew Weissmanek jasoko dute Medikuntzako Nobel saria
RNA mezulariak gizakion immunitate sisteman duen eragina aztertu dute, eta haien aurkikuntzak funtsezkoak izan dira COVID-19aren aurkako txertoak egiteko.
Katalin Karikok eta Drew Weissmanek jasoko dute Medikuntzako Nobel saria. RNA mezulariak gizakion immunitate sisteman duen eragina aztertu dute, eta haien aurkikuntzak funtsezkoak izan dira COVID-19aren aurkako txertoak egiteko.
Stockholmeko Karolinska Institutuak Fisiologia edo Medikuntzako Nobel saria eman die gaur Katalin Karikori eta Drew Weissmani, RNA mezularian oinarritutako COVID-19aren aurkako txertoagatik. «Nukleosidoen baseen aldaketei buruz egindako aurkikuntza» saritu du epaimahaiak, haren bidez COVID-19aren aurkako RNAm txerto eraginkorrak garatzea ahalbidetu zutelako. Ohiko txertoek mikrobio biziak, motelduak edo mikrobio zatiak erabiltzen dituzte gaixotasunei aurre egiteko. RNA txertoek, aldiz, RNA mezularia erabiltzen dute. RNA mezularia giza zeluletan sartzen da, eta bertan proteina espezifikoak eta arrotzak sortzen ditu —aurre egin behar dioten birusaren berdinak—, itzulpenaren bidez. Proteinak sintetizatzeko prozesu hori aztertu dute, hain zuzen, Kariko eta Weissmanek, eta haien aurkikuntzak funtsezkoak izan dira COVID-19aren aurkako txertoak sortzeko. RNA txertoak ez dira asmakuntza berria, 90eko hamarkadaren hasieran erabili ziren estreinakoz, baina soilik saio klinikoetan, eta inoiz ez txertoak egiteko. 2005ean argitaratu zuten artikuluan eman zuten RNA mezulariaren eraginaren berri Karikok eta Weissmanek, baina lanak ez zuen arreta handirik piztu. COVID-19 pandemian, baina, haien teoriak indarra hartu zuen, eta modu praktikoan hasi ziren ekoizten RNA teknologian oinarritutako txertoak. Horren adibide dira Modernaren COVID-19 txertoa eta Pfizerren BNT162b2.
2023-10-2
https://www.berria.eus/albisteak/233492/lau-pertsona-hil-dira-upategietan-itota-azken-hiru-urteetan.htm
Ekonomia
Lau pertsona hil dira upategietan itota azken hiru urteetan
Karbono dioxidoa mehatxu ezaguna da sektorean. Ardoaren hartzidurak eragiten du, eta, asko arnastuz gero, hilgarria da. Lantziegon igandean gertaturikoaren antzeko istripu bat egon zen Lapuebla de Labarcan duela hiru urte.
Lau pertsona hil dira upategietan itota azken hiru urteetan. Karbono dioxidoa mehatxu ezaguna da sektorean. Ardoaren hartzidurak eragiten du, eta, asko arnastuz gero, hilgarria da. Lantziegon igandean gertaturikoaren antzeko istripu bat egon zen Lapuebla de Labarcan duela hiru urte.
Ardoaren hartzidurak karbono dioxidoa eragiten du, eta, asko arnastuz gero, hilgarria da. Igandean Lantziegon (Araba) hildako bi gizonak hura arnastuta hil ziren. Hildakoetako bat upelaren barruan erori zen, eta hura sorostera joan zenean hil zen bigarrena. Beste bat ere joan zen, eta hura ere larri eraman zuten Logroñoko ospitalera. Lantziegoko alkateak azaldu duenez, hainbat herritar bertaratu ziren laguntzera, eta haiek atera zuten hirugarrena, baina beranduegi zen lehen bien heriotza eragozteko. Karbono dioxidoa, baina, mehatxu ezaguna da sektorean. Urrunago joan gabe, duela hiru urte beste bi pertsona hil ziren modu berean, Lapuebla de Labarcan egondako istripu batean. Espainia iparraldeko upategietan —Euskal Herriko hegoaldekoen oso antzekoa dira— ere ohikoak dira horrelako kasuak. 2019an hiru lagun hil ziren Zaragozako upategi batean eta iaz bat Leonen. Normalean upategi txikietan izaten dira, upeltegi berri gehienek karbono monoxidoari irteten uzteko arnasbideak dituztelako. Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak gaur azaldu duenez, azken urteetan asko murriztu dira kasuak, hein handi batean upeltegiek segurtasun neurriak jarri dituztelako. Hala ere, esan du ulertuko lukeela «beldurra zabaltzea», are gehiago mahats uzta betean egonda. Karbono dioxidoa, izan ere, ez da erraza aurkitzen, ez du usainik, eta neurgailu berezirik izan ezean ezin da detektatu. Upeletan sartzeko, leku itxietan lan egiteko gomendio eta araudiak bete behar dira. Putzu septiko, estolda... eta antzekoetako berak dira. Hasteko, non sartu behar den jakin behar da, ingurunea ezagutu. Osalanek hainbat gomendio ematen ditu halakoetarako: inoiz ez bakarrik sartu, ahal bada lotuta, gas neurgailuekin, eta, beharrezkoa bada, arnasa hartzea erraztuko duten gailuekin. «Botilak behar dira, edo arnasbide bat. Halakoetan, maskara ez da nahikoa», azaldu du Mari Nieves de la Peña: «Maskarak beste gasak ez arnasten lagundu diezazuke, baina, oxigenorik ez badago, konortea galtzeko arriskua dago». Lantziegoko kasua istripua izan zen. Lehen hildakoa erori egin zen, eta bestea presaka sartu zen. Kasu arruntetan, baina, ohikoa da kandela, txiskero edo su txiki batekin sartzea. Hori, baina, ez da nahikoa, De la Peñak nabarmendu duenez: «Baliteke suak piztuta irauteko nahikoa oxigeno egotea, baina ez arnasa hartzeko. Edota oxigeno horrekin batera karbono monoxidoa egotea. Eta, halakoetan, gorputzak oxigenoa baino bizkorrago xurgatzen du monoxidoa».
2023-10-2
https://www.berria.eus/albisteak/233493/absentismoa-produktibitatea-eta-lehiakortasuna-hobetu-behar-direla-dio-vwek.htm
Ekonomia
Absentismoa, produktibitatea eta lehiakortasuna hobetu behar direla dio VWek
Hurrengo lan itunaren negoziazioan, urriaren 19ra bitarte beste sei bilera egitea proposatu du.
Absentismoa, produktibitatea eta lehiakortasuna hobetu behar direla dio VWek. Hurrengo lan itunaren negoziazioan, urriaren 19ra bitarte beste sei bilera egitea proposatu du.
Azeleragailua zapaldu du Nafarroako Volkswagenek. 2024tik aurrerako lan hitzarmenaren negoziazioa goiz hasi zen, eta erritmo bizia jarri nahi du: langile batzordeak eta zuzendaritzak sei bilera egingo dituzte urriaren 19ra bitartean, hurrengo urteetako lan baldintzez, elektrifikazioaren ondorio sozialez eta ekonomikoez, eta industria planaz hitz egiteko, besteak beste. Aurreko asteko lehen bileran, enpresak jada aurreratu zuen 2024 erdialdetik 2025era arte laurehun langile behin-behinean «sobran» egongo direla auto elektrikoaren produkziora egokitzeko prozesuaren barruan. Halaber, zehaztu zuen 2024an 250.000 ibilgailu ekoitziko direla, 2025ean 215.000 eta 2026an 200.000 inguru. 2026tik aurrera hasiko dira auto elektrikoak ekoizten —Skoda eta VW ID2X modeloetakoak—. Konbustiokoak ere egingo dituzte aurrerantzean, elektrikoekin batera. VWen asmoa da 2027an eta 2028an 350.000 auto egitea urtean. Ikusi gehiago: Geure Kontu. Joxerra Senar: 'Bertigoa normala da, alarmismoa ez' Helburua hori izanik, VWek gaur zehaztu du absentismoa, produktibitatea eta lehiakortasun kostuak «hobetu» behar direla etorkizunari begira. Bigarren bilera honetan ez du azaldu zehazki zer esan nahi duen horrek, eta zer ondorio izango dituen langileen balditzetan. Zuzendaritzak sei bileratan aztertu nahi ditu gaiok. Asteazkenean bilduko dira, eta 2024 erdialdetik 2025era arte fabrika utziko duten laurehun langile horien irteera aztertu. Ostiralean eta urriaren 10ean gai horrekin jarraituko dute, eta, horretaz gain, industria plana izango dute hizpide. Mahai gainean jarritako egutegi horren arabera, urriaren 13an eta 17an bestelako gai garrantzitsuak aztertuko dituzte: baldintza ekonomikoak, enplegua, gai sozialak eta baimenak, eta absentismoa eta produktibitatea. Azkenik, urriaren 19an, aurreko bileretan landutako gai guztiek horiek laburbilduko dituzte. Proposamenen xehetasunak orduan ikusiko dira, baina, hasi aurretik, ELAk nabarmendu du bestelako lan itunen negoziazioan baino gai sakonagoak jorratu nahi direla, eta gogora ekarri du urtebete behar izan zela aurreko lan ituna aurrera ateratzeko. Hala, sindikatuaren aburuz, «anbizio handiko» egutegi hori denbora gutxian landu nahi du zuzendaritzak. Sindikatu abertzaleak kritikatu egin du laurehun enplegu behin-behinean kentzeko asmoa. ELAren aburuz, hurrengo urteetan elektrifikazio prozesua bestela egiteko moduak bilatu behar dira, «langile soberakinak eratu gabe». Gogora ekarri du VWen enplegu murrizketak eragin zuzena duela hornitzaileen parkean, eta litekeena dela «lau edo bost bider» handitzea. Zuzendaritzak produktibitatea eta absentismoa hizpidera ekarri dituenez, ELAk gogoratu du bi horiek elkarri loturik daudela: «Ekoizteko moduagatik eta produktibitateagatik dago absentismoa industriaren batezbestekotik gora».
2023-10-2
https://www.berria.eus/albisteak/233494/mikel-goirienak-irabazi-du-bizkaiko-bertsolari-txapelketako-lehen-kanporaketa.htm
Kultura
Mikel Goirienak irabazi du Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehen kanporaketa
476,5 puntu bilduta nagusitu da Goiriena; finalaurrekoetan izango da.
Mikel Goirienak irabazi du Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehen kanporaketa. 476,5 puntu bilduta nagusitu da Goiriena; finalaurrekoetan izango da.
Mikel Goiriena gailendu da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehen kanporaketan, 476,5 puntu eskuratuta; Mungiako Olalde aretoan izan zen saioa, atzo. Hala, Goiriena Santurtziko finalaurrekoan izango da kantuan, azaroaren 18an. Txaber Altube izan zen bigarren, 461,5 puntu lortuta; atzetik Araitz Katarain izan zuen, 446 puntu eskuratuta, eta, ondoren, Peru Vidal (439 puntu), Koldo Muñiz (427,5) eta Izaro Bilbao (383). Zihara Enbeita Gardoki aritu zen gai jartzaile. Txapelketan sei kanporaketa, hiru finalaurreko eta finala jokatuko dira. Kanporaketetan 36 bertsolarik parte hartuko dute —saio bakoitzeko sei bertsolari—, eta, atzoko saioaren ondotik, Gernika-Lumon, Arrigorriagan, Erandion, Igorren eta Lekeition izango dira emanaldiak. Hurrengoa igandean izango da, hilaren 8an, Gernika-Lumon. Saio bakoitzeko irabazleak ziurtatua izango du hurrengo fasean kantatzeko aukera, eta gainontzekoak, berriz, puntuazioaren arabera sailkatuko dira. Hain zuzen, atzo irabazita sailkatu da Goiriena finalaurrekoetarako. Goirienaz gain, beste hamar bertsolari pasatuko dira kanporaketetatik finalaurrekoetara, eta 2021eko finalistak fase horretan batuko dira. Etxahun Lekue ez beste denak. Finalaurrekoak Berrizen, Santurtzin eta Lemoan jokatuko dira —hurrenez hurren, azaroaren 11n, 18an eta 25ean—, eta hemezortzi bertsolari arituko dira guztira. Hiru finalaurrekoetako irabazleak eta puntu gehien lortu dituzten bost bertsolariak sailkatuko dira, azkenik, abenduaren 16ko finalerako. Bilbo Arenan jokatuko da. Xilaba txapelketa Taldekako Xilaba txapelketaren bigarren asteburua ere jokatu dute; Saran (Lapurdi) eta Amendüzen (Nafarroa Beherea) izan dira saioak. Etxahun Azkarragak, Ellande Alfarok, Haira Aizpuruak eta Karlos Aizpuruak osatutako Lizaieta taldea gailendu zen Sarako saioan. Amendüzekoa, bestalde, Ez Dok 5 taldeak irabazi zuen; hots, Maddi Sarasuak, Battitt Crouspeyrek, Oier Urreiztik, Xermin Camblongek eta Joana Itzainak. Urriaren 20ra arte, ligaxken saioak izango dira Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Beherean barna. Finalerdiak urriaren 28an eta azaroaren 4an jokatuko dira, Muskildin (Zuberoa) eta Azkainen (Lapurdi), hurrenez hurren. Azaroaren 18an izango da finala, Aiherran (Nafarroa Beherea).
2023-10-2
https://www.berria.eus/albisteak/233495/euskalgintzak-europako-adituei-gogoraraziko-die-erakundeek-ez-dutela-betetzen-hizkuntza-gutxituen-ituna.htm
Gizartea
Euskalgintzak Europako adituei gogoraraziko die erakundeek ez dutela betetzen hizkuntza gutxituen ituna
Kontseiluak eta Behatokiak agerraldia egin dute Euroitunaren 6. ebaluazioko txostena aurkezteko.
Euskalgintzak Europako adituei gogoraraziko die erakundeek ez dutela betetzen hizkuntza gutxituen ituna. Kontseiluak eta Behatokiak agerraldia egin dute Euroitunaren 6. ebaluazioko txostena aurkezteko.
25 urteren ostean, bete gabe. Iragan martxoan, 25 urte bete ziren Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna indarrean sartu zenetik. Akordio hori sinatu zuten estatuek —Espainiak 2001. urtean bat egin zuen, eta Frantziak ez du sinatu— konpromisoa hartu zuten hizkuntza gutxituak «era aktiboan sustatzeko», eta hortaz, zenbait betebehar bere gain hartu zituzten hezkuntzaren, justiziaren, administrazioaren, komunikabideen, kulturaren eta ekonomiaren esparruetan. Europak aldizkako ebaluazioak egiten ditu, ebazteko ituna betetzen ari den ala ez, eta, hain zuzen, seigarren ebaluazioaren karira, Euskalgintzaren Kontseiluak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak agerraldia egin dute Iruñean. «Okerrak eta hutsuneak» antzeman dituzte administrazioen jardunean —Espainiako Gobernuaren menpekoetan, baina baita Nafarroako Gobernuan eta Eusko Jaurlaritzan ere—, eta gogorarazi dute erakundeen jarrerak «talka» egiten duela «beren betebeharrekin». Euroitunaren seigarren ebaluazioaren barruan, Espainiako Gobernuak txosten bat helarazi zien Europako adituei, eta, hartan, 2017tik 2021erako aldian hizkuntza gutxituen alde eginiko urratsak eta hartutako neurriak azaldu. Hor jasotako datu eta adierazpenetako asko zalantzan jarri dituzte Kontseiluak eta Behatokiak. Espainiak emaniko bertsioari aurre egiteko xedez, txosten propioa ondu dute euskalgintzako erakundeek, eta Europako Kontseiluari helaraziko diote aurki. Justizian, etxeko lanak egin gabe Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabelek esan du Espainiak oraindik ez diela men egin Europak proposatutako «gomendioei eta berehalako neurriei». «Europako adituen batzordearen eta Europako Ministroen Batzordearen gomendio batzuk onartzeak ondorio gisa ekarri beharko luke Espainiako Estatuko legedia aldatzea». Aldaketarik garrantzitsuena justiziaren esparruan eman beharrekoa dela uste du Eskisabelek: «Europak hainbatetan ohartarazi duen bezala, Espainiako botere judizialaren lege organikoak talka egiten du Euroitunaren 9. artikuluarekin». Artikulu horren arabera, prozedura penal eta zibil oro euskaraz egin ahal izatea bermatu beharko litzateke, aldeetako batek hala eskatuz gero. «Ez da inondik inora bermatzen prozedura hauek berme guztiekin eta berdintasunean euskaraz egin ahal izatea, eta horrek babesgabetasuna dakar», esan du Kontseiluko buruak. «Behatokiak eta Kontseiluak adituen batzordeari ohartaraziko diogu, beste behin, Espainiako araudian ezarritakoak eragina duela herritarrek tokiko hizkuntza erabiltzeko duten eskubidean; eta, bestalde, epaile eta magistratuek euskaraz ez jakiteak herritarren hizkuntza hautua baldintzatzen duela». Administrazioan, ezin arreta bermatu Justizian ez ezik, administrazioaren esparruan ere aurrerabide eskasa antzeman dute Kontseiluak eta Behatokiak. Agurne Gaubekak azpimarratu du Espainiaren txostenean ez dela azaltzen «zenbat gomendio ez ziren bete aurreko urteetan», eta orain arte ezarritako neurriak ere «partzialak eta oso azalekoak» izan direla: «Espainiako Estatuko administrazioari dagokionez, aipatzen da hizkuntza politikak neurtzeko lanak martxan jarri dituztela, baina egiazki, ia ez dago herritarrei zerbitzua emateko lanposturik, ez Nafarroan ez Euskal Autonomia Erkidegoan». Datuei erreparatuta, agerian geratzen da errealitate gordina: Espainiak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dituen ordezkaritzetan, «euskararen nolabaiteko ezagutza» dute langileen %11 inguruk; Nafarroan, ehuneko hori %1ekoa da. «Herritarrei zerbitzuak euskaraz bermatu ahal izateko ezintasuna nabarmena da», laburbildu du Gaubekak. Administrazio elektronikoari dagokionez, Espainiak bere txostenean dio Espainiako administrazioetako agiri, txantiloi, seinale, iragarki eta bestelako euskarrien %100 «ele biz» daudela idatziak. Hori ere gezurtatu du Behatokiko zuzendariak: «Urte hauetan guztietan ehunka kexa jaso ditugu, herritarrek helaraziak, gaztelania hutsezko euskarriengatik eta hainbat eginbide telematiko edo webguneetako informazioa oraindik orain euskarara behar bezala itzuli gabe daudelako». Nafarroan, oztopoak hezkuntzan Nafarroako Euskararen Legeak ezarritako zonifikazioak baldintzatu egiten du Euroitunaren betetzea. Espainiako Gobernuaren txostenean bertan ageri da irakasleen lanpostuak kenduta Nafarroako administrazioko postuen %3 soilik direla elebidunak, eta departamentu batzuetan ez dagoela lanpostu elebidun bakar bat ere. «Euskara ofiziala den eremuan ere, oztopo nabarmena da hau itunak ezarritakoa bete ahal izateko», gaineratu du Gaubekak. Itunaren urratzerik agerikoenak, baina, euskara ofizial ez den eremuetan antzeman dituzte: «Ez dira betetzen Euroitunaren III. atalari dagozkion konpromisoak», salatu du Behatokiko buruak. «Itunean jasota dago eremu horietan euskararen erabilera eta irakaskuntza sustatzeko neurriak hartzeko konpromisoa, baina D ereduko lerroen irekiera oztopatzen da, eta unibertsitatean euskaraz ikasteko eskubidea ez dago bermatua». Hori dela eta, euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora zabaltzeko beharra azpimarratu du Gaubekak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako egoerari dagokionez, Behatokiko zuzendariak esan du lurralde horietan jasotako kexa ugariek «talka» egiten dutela Espainiak txostenean emaniko irudiarekin. «Adibidez, urtero azaleratzen dira hutsune nabarmenak osasungintzaren eta segurtasunaren alorretan arta euskaraz jasotzeko garaian, eta, herritarrek adierazi arren harremana euskaraz nahi dutela, hainbatetan ez zaie bermatzen». Hezkuntzan ere, euskara «bigarren mailakoa» dela nabarmendu du Behatokiak, «Lanbide Heziketan eta unibertsitateetan». Botere judiziala, euskararen kontra Hego Euskal Herri osoari eragiten dioten neurrien artean, Kontseiluak eta Behatokiak aipamen berezia egin diote azken urteetan euskararen normalizazioaren aurka argitaratu diren epaiei. «Espainiako Estatuko botere judizialak epai sorta eman du hizkuntza politika publikoen aurka, eta horrek Euroitunaren espirituaren kontra egiten du bete-betean», azaldu du Eskisabelek. Kontseiluak horren berri emanen die Europako adituei, eta horren gaineko ohartarazpena eskatu. «Euroitunaren 7.2 artikuluan zehaztutako printzipio garrantzitsu baten kontrakoak dira erabaki judizial horiek; izan ere, itunak berak argi adierazten du euskararen alde hartzen diren neurriak ez direla gaztelaniazko hiztunen kontrako diskriminazio neurritzat hartuko». Hori aldarrikatzeko xedez, Euskal Herriko herritarrei dei egin diete «azaroaren 4an euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldiari erantzun sendoa ematera Bilboko kaleetan, arratsaldeko 17:00etan Euskalduna jauregitik abiatuko den manifestazioan».
2023-10-2
https://www.berria.eus/albisteak/233496/euskarazko-milaka-ahots-biltzeko-kanpaina-aurkeztu-dute-gaitu.htm
Gizartea
Euskarazko milaka ahots biltzeko kanpaina aurkeztu dute: Gaitu
Propio ondu dute 'gaitu.eus' webgunea nahi duen orok bere ahotsa graba dezan, eta parte hartzera deitu dute, eremu digitalean euskararen presentzia handitzen lagunduko duelakoan
Euskarazko milaka ahots biltzeko kanpaina aurkeztu dute: Gaitu. Propio ondu dute 'gaitu.eus' webgunea nahi duen orok bere ahotsa graba dezan, eta parte hartzera deitu dute, eremu digitalean euskararen presentzia handitzen lagunduko duelakoan
«Egungo teknologiak testuzko eta ahozko datu masa erraldoiak eskatzen ditu, eta, euskararen presentzia eremu digitalean bermatzeko, Gaitu izeneko kanpaina jarri du martxan Eusko Jaurlaritzak, makinei eta teknologia berriei euskara irakasteko», halaxe laburtu dute gaur Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko komunikazio arduradunek zabaldu duten informazioan zer den Gaitu kanpaina. «Erronka berri bat dugu euskaldunok: makinek gure hizkuntza ulertu eta hitz egin dezaten, lehenik irakatsi egin behar diegu». Aurkezpena Donostian egin dute, Tabakaleran. Egitasmoa babesten duten instituzioen izenean, Eusko Jauralritzako Kultura sailburu Bingen Zupiria eta Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariorde Ana Ollo izan dira. EEP Euskararen Erakunde Publikoa ere badago kanpainaren atzean, eta agerraldian parte hartu duten agintari biek nabarmendu dute euskararen sustapenean administrazioen arteko elkarlanak berebiziko garrantzia duela. Udalen gain egongo da kanpaina sustatzeko lana, hein handi batean, eta Donostiako Udalaren izenean Euskara zinegotzi Edurne Otamendi izan da. Batu ditzagun gure ahotsak leloa hautatu dute kanpainarako. Abenduaren 3a bitartean egitea da asmoa, eta Euskararen Egunarekin batera biribiltzea. Webgunea ezagutarazi nahi da, teknologia berrietan euskararen presentzia sustatzearen garrantziaren berri eman nahi da, eta hainbat egitasmo zehatz martxan jarri nahi dira; Donostian, esaterako, abenduaren 3aren bueltan, jendearen ahotsak grabatzeko maratoi handi bat egiteko plana dute. Eta antzeko egitasmo gehiago ere abiatuko dira. Euskalgintzarekin elkarlanean egingo dira horietako asko, eta agerraldian izan da, adibidez, Donostiako Bagera elkarteko ordezkari Mikel Irazusta. Teknologia berrietan euskarari leku egitea ezinbestekoa dela nabarmendu du: «Euskarak ezin du izan museoko hizkuntza bat». Software librea Librezaleak elkartea eragile da proiektuan, eta Marko Txopiteak hartu du hitza elkartearen izenean. Ahotsak biltzeko Common voice izeneko egitasmo irekia erabiltzen ari direla nabarmendu du. Irabazi asmorik gabekoa da, kolaboratiboa eta orain «masiboa» bihurtu nahi dute. Software librearen bidez garatutako sistema baten bidez jardutearen garrantzia nabarmendu du. Izan ere, hizkuntza gutxituek aukera gehiago dituzte bide hori aukeratuta. Eta hizkuntza asko egiten ari dira hautua. Gaur eman dituzten datuen arabera, 105 hizkuntzatan hasiak dira sistema horren bidez ahots ekarpenak egiten, eta beste hainbatetan ere prestatzen ari dira. Kanpainari buruzko informazioa zabaltzeko onduriko testuetan ere gogoratu dute hizkuntza gutxituak ez daudela enpresa teknologiko handien «asmoetan», eta hiztunen komunitateek aparteko ahalegina egin behar dutela hor toki bat egiteko, bide propioa eginez. «Milaka ahots behar ditugu, milaka grabazio ordu euskaraz». Ahots horiek zenbat eta «askotarikoagoak» izan, lortzen diren emaitzak orduan eta hobeak izango dira, Txopiteak nabarmendu duenez. Gogoratu du bide horretan ezin dela atzean geratu: «Etorkizunean, ez dugu teklaturik erabiliko. Gailuek gero eta gehiago hitz egiten dute». Eta, euskaraz trebatzeko, euskaldunen «ahotsak» behar dituzte. Bi eginkizun Webguneak bi eginkizun proposatzen dizkie bertan sartzen direnei. Batetik, idatzita dagoen esaldi bat irakurtzeko era izango dute, ozenki grabatzen den bitartean. Nahi adina esaldi graba daitezke. Proposatzen den beste eginkizuna da beste hiztunek grabatutako esaldiak balioztatzea. Hori ere nahi adina aldiz egin daitekeen eginkizuna da. Parte hartzera deitu dute: «Zenbat eta ahots gehiago lortu, hobeto».
2023-10-2
https://www.berria.eus/albisteak/233497/renfek-doako-90000-txartel-egin-ditu-hego-euskal-herrian-irailean-iaz-bezainbeste.htm
Gizartea
Renfek doako 90.000 txartel egin ditu Hego Euskal Herrian irailean, iaz bezainbeste
Gehienak aldirietako trenetarako dira, eta gainerakoak distantzia ertainetarakoak.
Renfek doako 90.000 txartel egin ditu Hego Euskal Herrian irailean, iaz bezainbeste. Gehienak aldirietako trenetarako dira, eta gainerakoak distantzia ertainetarakoak.
Energia garestitzearen kalteak arintzeko, Espainiako Gobernuak neurri bat hartu zuen iazko abuztuan, trenean asko ibiltzen diren pertsonen mesederako: aldirietako eta distantzia ertaineko trenetan ibiltzeko doako txartela ezarri zuen. Lau hilerako neurria izan behar zen, 2022ko abendura arte. Haatik, doakotasuna luzatzea erabaki zuten, eta 2023. urte osoan baliatu ahal izan dira abantailaz bidaiariak. Renfe konpainiak kudeatzen ditu tren horiek, eta, gaur zabaldu dituen datuen arabera, urteko azken lauhilekoaren lehenengo hilean doako ia 90.000 txartel egin ditu Hego Euskal Herrian, aldirietan eta distantzia ertaineko trenetan erabiltzekoak. EAEko datuak batera eman ditu Renfek, batetik, eta Nafarroakoak, bestetik. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 87.155 txartel egin dituzte irailean. Urtea amaitu arte erabil daitezke. Horietako 83.231 aldirietarako dira, eta 3.924 distantzia ertaineko trenetarako. Nafarroan, berriz, ez dago berez aldietarako zerbitzurik, eta distantzia ertaineko trenetarako 4.017 txartel egin dituzte irailean. Urteko bigarren lauhilekoan, maiatzaren 1etik abuztuaren 31ra, 3.841 doako txartel egin zituen Nafarroan. Iaz, irailean, 92.236 abonu egin zituen Renfek; beraz, ez da gorabehera handirik egon doakotasunaz baliatu den jendearen kopuruan. Aldirietan, 80.014 egin zituzten iazko irailean. Erraz eta azkar lor daitezke txartelak. Horretarako, Renferen aplikazioa deskarga daiteke sakelakoan, QR kodea lortu, eta hori erabili gero geltokietara sartzeko. Bestela, geltokietan dauden makinak erabil daitezke. Bi kasuetan, diruz edo bankuko txartel bidez ordaindu daiteke bermea. Izan ere, aldirietarako txartela ateratzeko, 10 euroko bermea ordaindu behar da, eta 20 euro, berriz, distantzia ertaineko trenetarako. Lau hilean gutxienez 16 bidaia eginez gero, Renfek diru hori itzuli egingo dio bidaiariari. Bankuko txartelarekin erosiz gero, automatikoki itzultzen dute dirua norbere kontura. Eskudirutan ordainduz gero, geltokietan eskatu behar da itzultzeko. Abenduaren 31 arte egongo dira indarrean urteko azken lau hiletarako txartelak.
2023-10-2
https://www.berria.eus/albisteak/233498/adinekoen-arretarako-zaintza-sistema-publikoa-eskatu-dute-pentsiodunek.htm
Gizartea
Adinekoen arretarako zaintza sistema publikoa eskatu dute pentsiodunek
Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean egin dituzte manifestazio nagusiak. Adinekoen senideen elkarteek ere parte hartu dute.
Adinekoen arretarako zaintza sistema publikoa eskatu dute pentsiodunek. Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean egin dituzte manifestazio nagusiak. Adinekoen senideen elkarteek ere parte hartu dute.
Pentsiodunek duela bost urte eta zortzi hilabete hartu zituzten lehen aldiz kaleak. 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskatzen zuten orduan, eta %0,25eko igoera lortu zuten azkenean. Bizi baldintzak hobetzeko neurri eskasa delakoan, borrokan jarraitzea erabaki zuten, eta azken urteetan beste kezka batzuk ere azaldu dituzte. Izan ere, «zaintza sistema publiko duina» eskatzeko, osasun sistemaren pribatizazioa salatzeko eta KPIaren araberako pentsioen igoera exijitzeko manifestazioak egin dituzte gaur Hego Euskal Herrian. Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean izan dira mobilizazio nagusiak eta, horrez gain, haien aldarriak laburbiltzen dituen gutuna eman dio Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak Elixabete Etxanoberi, Bizkaiko Foru Aldundiko ahaldun nagusiari. Zahar etxeen pribatizazioa eta egungo zaintza eredua dira pentsiodunen kezka nagusiak. «Bizkaiko ahaldun nagusiari bilera bat eskatu diogu, egoitzetako arazoak zeintzuk diren azaltzeko», jakinarazi du Jon Fanok, Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduko kideak. «Zahar etxeak ordaintzeko ematen duten dirua publikoa da, baina zerbitzuaren kudeaketa pribatua egiten dute». Horrek hainbat ondorio dakarzkie egoiliarrei eta langileei: «Lan baldintzak oso txarrak dira, eta senideen kezkak ez dituzte kontuan hartzen». Hala, zaintzako langileentzako soldata eta baldintza duinak eskatu dituzte, eta «zerbitzu soziosanitario integralaren» beharra azpimarratu. Era berean, «irizpide merkantilistetatik harago» doan arreta zerbitzua garatzeko exijitu diote Eusko Jaurlaritzari, eta leporatu diote egun martxan dagoen eredua «negozio eta irabazi eredua» dela. Bien bitartean, 200.000 pertsonak baino gehiagok oinarrizko beharrei aurre egiteko arazoak dituzte, pentsiodunen arabera. Hala adierazi dute, behintzat, Etxanoberi helarazi dioten idatzian: «Pentsiodunek gero eta zailtasun gehiago dituzte hilaren amaierara iristeko eta kalitatezko elikadura, sendagaiak eta baldintza klimatiko eta mugikortasun egokiko etxebizitzak eskuratzeko». Iraide Urriz Babestu plataformako kideak, zehazki, hitza hartu du Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean planto egin dutenean. «Honako hau eskatzen dugu egoitzetako senideen elkarteok: mendekotasuna artatzeko sistema publiko, hurbila eta kalitatezkoa; egoitzei buruzko dekretuaren zirriborroa sistema parte hartzailearen bidez aldatzea; gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea: eta erosahalmena berreskuratzeko, genero arrakala ezabatzeko eta erretiro aurreratuaren kenkariak indargabetzeko gure aldarrikapenak babestea». Lola Gomez Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduko kideak aurreratu du erantzunik ez jasotzekotan mobilizazioekin jarraituko dutela eta Espainiako Estatuko pentsiodunekin ere elkarlanean arituko direla. «Nagusiek ere eskubideak ditugu, eta eskatzen dugun hori lortu arte ez diogu protesta egiteari utziko».
2023-10-3
https://www.berria.eus/albisteak/233499/xabier-mendiguren-bereziartu-itzultzailea-eta-idazlea-hil-da-78-urte-zituela.htm
Gizartea
Xabier Mendiguren Bereziartu itzultzailea eta idazlea hil da, 78 urte zituela
Ikastolen mugimenduan ibili zen. Euskalgintzaren Kontseiluko lehen idazkari nagusia izan zen, eta euskaltzain urgazlea.
Xabier Mendiguren Bereziartu itzultzailea eta idazlea hil da, 78 urte zituela. Ikastolen mugimenduan ibili zen. Euskalgintzaren Kontseiluko lehen idazkari nagusia izan zen, eta euskaltzain urgazlea.
Xabier Mendiguren Bereziartu idazlea, itzultzailea eta Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi ohia hil da. Haren beila bihar izango da, 16:00etatik 20:00etara, Errekaldeko beilatokian. Ezkion (Gipuzkoa) jaio zen, 1945. urtean, eta euskararen inguruan eman zuen bizitza. Ikastolen mugimenduan ibili zen. Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi izan zen haren sorreratik 2010era arte, eta euskaltzain urgazle izendatu zuen Euskaltzaindiak. «Niretzat, denetarako tresna da euskara: lanerako, gozamenerako, sufrimendurako tarteka… Bizitzarako tresna izan dut euskara», adierazi zion BERRIAri iazko azaroan. Filosofia eta Letretako lizentzia eskuratu zen Deustuko Unibertsitatean, eta arlo horretan jardun zuen. Lan handia egin zuen euskarazko testuliburuak sortzen, eta Iker taldearen sortzaile izan zen 1974an. Saioka euskarazko ikasliburuak ondu zituen beste askorekin batera, hala nola Bizkaiko eta Gipuzkoako Ikastolen Elkartearekin. Halaber, Martuteneko Itzultzaile Eskolaren sorkuntzan parte hartu zuen, eta hango irakasle eta zuzendari lanetan aritu zen 1990era arte. Eskola horretatik atera ziren 1987an EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea eta Senez aldizkaria Hizkuntzazalea zen, 11-12 hizkuntza ere ikasi zituen. «Asko gustatzen zait hizkuntza desberdinak ezagutzea. Asko estimatu izan dut desberdintasun horrek ematen duen aberastasuna», zioen. 1966 inguruan, euskara batuaren aldeko lanean aritu zen: «Euskara batua oso beharrezko ikusi izan dut beti. Euskara batuak asko lagundu dio euskararen etorkizunari; batu egin gaitu, elkar ulertzen lagundu digu… Herrialde desberdinetakoak hurbildu egin gaitu, eta hori beharrezkoa da, bakoitza geure zokoan bizi ginelako bestela». Gaur egun Euskalgintzaren Kontseilua denaren bultzatzaile nagusietako bat izan zen. Egunkaria sortzeko prozesuan ari zirela proposatu zuen bilera zabalago batzuk egitea. Haien ondoren antolatu zituzten Euskararen Unibertsoa jardunaldiak Elgoibarren, 1997an. Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren hasiera izan zen hura. Iazko azaroan BERRIAri emandako elkarrizketan, euskararen egoerarekin «baikor» zegoela adierazi zuen, baina ñabardura jarrita. «Ez batzuek adierazten duten erabateko segurtasun horrekin. Ekin eta ekin jarraitu beharra daukagu etengabe», adierazi zuen. «Aurrerapausoak eman ditugu, zorionez; nabarmena da hori, baina ez nahiko genukeen abiaduran eta tamainan. Maila guztietan, baita politikarien eta erakundeen artean ere, gauza gehiago egin beharko genituzkeela uste dut. Beste toki batzuetan daukaten irmotasuna falta zaigu guri». Paul Bilbaok Kontseiluaren idazkari nagusi kargua hartu zuen 2010ean, Mendigurenen lekua hartuta. Hiru ikasbide jaso zituen Bilbaok aurrekoaren partetik, eta nabarmendu egiten ditu, haren ahalmen handiaren erakusgarri. «Euskararen normalizazioaren bidea zein den, bide horretan denok daukagula zeresana, eta guztiekin adostasuna lortzeko gaitasuna». Adostasunaren bidean gaitasun nekaezina zuela, hori du gogoan, bereziki. «Enpresekin, sindikatuekin, guztiekin». Egunkaria-ren itxierari aurre egiteko tenorean, 2003an, euskalgintzaren «aurpegia» izan zela gogoratu du, eta «lidergoa» hartzen asmatu zuela. Beti «miretsi» izan du, hala ere, Mendigurenek gaitasuna zuela «lasaitasuna» transmititzeko. Azken orduaren atarian ere ikusi du orain, berriki harekin izandako harremanetan. Euskalgintza fase berri bat ekarri zuen, Kontseiluaren bidez. «Itsasontziaren lehen kapitaina» izan zen, Bilbaorentzat: «Bazuen gaitasuna horretarako eta gehiagorako». Eta zerumuga argi zuen: «Bazekien zer ordezkatzen zuen». Kontseiluko idazkari nagusi kargua utzi eta gero, EH 11 Kolore elkartean eledun jardun zuen Mendigurenek: Euskal Herrian euskarak lokarri funtzioa izan behar duela defendatzen jarraitzeko era izan zuen han. «Indarrak metatu, eta harmonia bat sortu zen Kontseiluarekin», esan zion Gipuzkoako Hitza-ri, iazko azaroan.
2023-10-2
https://www.berria.eus/albisteak/233500/ez-adiorik-xabier.htm
Kultura
Ez adiorik, Xabier!
Ez adiorik, Xabier!.
Duela egun batzuk Xabierrek agurtzeko deitu ninduenean, esan zidan «Nire aurretik asko joan dira eta orain niri tokatzen zait. Zer egingo diogu, ba, horrela da». Esaldi horrek erakusten du Xabierrek zuen egonarria. Gauzak etorri bezala hartuko zituen eta inguruan beti saiatuko zen lasaitasuna zabaltzen. Gauzak zetozenean onartu eta egoerari aurre egiteko joera zuen, inguruan horretarako animoa zabalduz, beldurtu gabe, tinko eutsita. 1995ean Egunkaria Sortzen kultur elkarteak egindako bilera batean, euskararen normalizazioak zein euskalgintzak bizi zuten egoerak kezkatuta, bilera zabalago baterako deia egitea erabaki zuten, eta Donostiako Miramar Jauregin elkartu ginen bitan. Handik, lan batzorde bat eratu zen eta batzorde hura, gutxi gora behera, bi astetik behin elkartuz joan zen, larunbatetan, Elgoibarko kultur etxean, 1997an Euskararen Unibertsoa izeneko jardunaldiak antolatu zituen arte. Jardunaldi haien ondorioetako bat izango zen Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua sortzea, Euskalgintzaren Kontseilua, alegia. Bilera haietan eta Donostiatik Elgoibarrerako joan-etorrietan ezagutu nuen nik neuk Xabier Mendiguren Bereziartu. Banuen nik haren ezagutzea, banekien itzultzailea zela, banuen euskal itzulpengintzari oinarriak jartzen egin zuen lanaren berri, eta banekien itzultzaile eskolaren eta EIZIEren sorreran lan handia egin zuela, baina ez genuen elkar ezagutzen. Urte betez luzatu zen prozesu hartan izan nuen Xabier ezagutzeko aukera eta handik aurrera lagunak izan gara. Kontseiluan ordu asko partekatzea egokitu izan zaigu, bera idazkari nagusi zela eta ni, berriz, zuzendaritzako kide. 1997ko abenduan eratu zen eta aurkeztu zen Kontseilua jendaurrean eta Xabier Mendigurenek hartu zuen egitura berri haren idazkari nagusia izateko ardura. Euskalgintzako eragileak bilduko zituen erakundea zen Kontseilua eta hura gidatuko zuen pertsona bat nahi zuen orduko zuzendaritzak, erakunde guztiek onartuko zutena, eta atomizatuta zegoen euskalgintza artikulatzeko gai izango zena. Era berean, euskararen normalizazioak behar zuen azkartzea eragiteko dinamika eta diskurtsoa zabaltzeko gaitasuna izan behar zituen pertsona horrek. Zuzendaritzak erabaki zuen Xabierrek bazuela gaitasuna horretarako. Eta Xabierrek onartu egin zuen erronka, gogoz hartu zuen eta erakutsi zigun ez genuela aukera txarra egin, izan zitekeen pertsonarik egokiena zela eman zitzaion papera betetzeko. Hamabost urteko ibilbide oparoa egin zuen Xabierrek Kontseiluan. Bai Euskarari kanpaina eta haren ondorengo dinamika aberatsa gidatzea egokitu zitzaion: ilusioa, indarra, baikortasuna bizi izan zituen. Beste aldean, 2003an, Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera eta euskalgintzako erakunde askoren kontrako erasoa ere bizi behar izan zituen, eta haien aurreko erantzuna lideratzea ere egokitu zitzaion: inpotentzia, ezintasuna, etor zitekeenaren gaineko kezka larrutan bizitu zituen. Egunkaria-ren itxieraren ondorengo aldi hori izan zen, seguru asko, Xabier urdurien eta kezkatuen ezagutu izan dudan garaia, euskaren inguruan eraikitako guztia gal zitekeenaren kezka bizi baitzuen. Baina orduan ere irmo eutsi zion erakundeari, gertatzen ari zenaren aurreko erantzunaren ardura hartu zuen Kontseiluak beste eragile askorekin batera, eta han jarraitu zuen Xabierrek, behar izan zenean lehen lerroan jarrita eta aurpegia emanez, euskalgintzari eta euskal gizarteari erakutsiz ez zela atzera egiteko edo gordetzeko garaia, aurre egin behar zitzaiola egoerari. Patxada handiko gizona izan da Xabier, baina irmoa ere bai euskararen aldeko ekimenean, eta horrekin konfiantza transmititzen zuen bazter guztietara. Horrek egiten zuen Xabier egoki Kontseiluko idazkari nagusi izateko, euskalgintzako erakundeekin harreman ona zuenez, pertsona egokia zelako euskalgintza artikulatzeko, eta ez zuelako beldurrik euskalgintza babestu eta euskararen normalizazioak beharko lukeen dinamikaren alde borroka egiteko. Asko zor dio euskalgintzak Xabierri Kontseiluan egindako ekarpenagatik. Asko zor diot nik neuk ere kontu beragatik eta bidean erakutsitako guztiagatik. Akorduan izango dut. Ez adiorik, Xabier!
2023-10-2
https://www.berria.eus/albisteak/233501/eh-bilduk-beharrezkotzat-jo-du-lurraldetasun-auziaz-eztabaidatzea.htm
Politika
EH Bilduk beharrezkotzat jo du lurraldetasun auziaz eztabaidatzea
Koalizioak larunbatean egingo du Konferentzia Politikoa, urteko plan politikoa hizpide
EH Bilduk beharrezkotzat jo du lurraldetasun auziaz eztabaidatzea. Koalizioak larunbatean egingo du Konferentzia Politikoa, urteko plan politikoa hizpide
Espainiako gobernuburua izendatzeko negoziazioek markatutako testuinguruan egingo du EH Bilduk koalizioaren Konferentzia Politikoa larunbatean, Gasteizen. Plan politikoa eztabaidatu eta bozkatuko dute koaliziokideek, eta bertan berretsiko dute Espainian hasi berri den legealdian nazio auzia tratatzeko beharra: «Beharrezkotzat jotzen dugu azkenean estatuko lurraldetasunari eta horren izaera plurinazionalari buruzko eztabaida irekitzea».p> Aurkezpenean, Oihana Etxebarrieta legebiltzarkideak azaldu du lurraldetasunaren aferari heltzeko garaia dela. Zehazki, hiru ardatz jarri nahi ditu koalizioak mahai gainean: «nazio aitortza», erabakitzeko eskubidea eta Euskal Herriko lurraldeen arteko harremana. Etxebarrietak azaldu duenez, gainera, aldarrikapen hori izango da koalizio subiranistak azaroaren 18rako deitutako manifestazioaren xedea ere.p> Halere, larunbateko batzarrean bestelako «erronka estrategikoei» erreparatuko dietela gehitu du legebiltzarkideak; horien artean, hezkuntza, trantsizio energetikoa, etxebizitza eta osasuna. Hala, EH Bilduren plan politikoak Euskal Herriak politika eta gizarte arloetan «jauzi bat» egiteko beharrei erantzuten diela xehatu dute: «Euskal Herrian eta Euskal Herrirako diseinatutako lurralde egituraketan eta politika publikoetan oinarritu behar da».p> Hala, ez dute bat egin Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk proposatutako Espainia mailako «estatu itunekin», eta, horren ordez, eskatu diote Araba, Bizkai eta Gipuzkoan «herri itunei» bide emateko. «Urkulluri entzuten ari gatzaizkio herriari buruz hitz egiten, baina herria aintzat hartu gabe», azaldu du koalizioak, argudiatuta lehendakariak ez dituela kontuan hartzen Euskal Herriko gainerako talde politikoak.p> Koalizioak uste du lehendakariaren helburua dela EAJ barruan «eragitea», berriz ere lehendakaritzarako hautagai izateko helburuz: «Herritarren arazoei irtenbideak bilatzeko akordio zabalak eta konponbideak bilatu beharrean». Izan ere, Etxebarrietak berak aitortu du bi hauteskunde garrantzitsuk baldintzatuko dutela urte politikoa: datorren urtean egingo dira Eusko Legebiltzarrerako eta Europako Parlamenturako hauteskundeak. Horietara goranzko joeran iritsiko da EH Bildu, baina Etxebarrietak azaldu du horrek «erantzukizun handiagoz jokatzea» ere eskatzen diela.p> EAJren aurka Urkulluk, berriz, egungo testuinguruaren bestelako interpretazio bat egin du SER irrati katean. Lehendakariak salatu du EAJri «aipua kentzen» saiatzeko «estrategia» bat dagoela, batzuentzat mesedegarriagoa delakoan EH Bildu indartzea jeltzaleekin duten lehian, EAJren ordezkaritza murriztu eta hura Eusko Jaurlaritzatik ateratzeko helburuz. Zehazki, «ezkerreko deritzenen aliantzak» aipatu ditu, eta azaldu haren barruan alderdiak eta agente sozioekonomikoak daudela.p> Datorren urteko Eusko Legebiltzarrerako bozei begira, berriz, Urkulluk ez du baieztatu ez baztertu lehendakaritzarako EAJren hautagaia izango denik. Haren esanetan, Euzkadi Buru Batzarraren erabakia da hori.
2023-10-2
https://www.berria.eus/albisteak/233502/sanchezek-ez-du-oraindik-bermatua-jeltzaleen-botoa.htm
Politika
Sanchezek ez du oraindik bermatua jeltzaleen botoa
Aitor Esteban EAJko Kongresuko eledunak esan du gaur-gaurkoz ez direla baldintzak betetzen
Sanchezek ez du oraindik bermatua jeltzaleen botoa. Aitor Esteban EAJko Kongresuko eledunak esan du gaur-gaurkoz ez direla baldintzak betetzen
PPko lider Alberto Nuñez Feijook Espainiako gobernuburu bilakatzeko saiakeran porrot egin ostean, Espainiako errege Felipe VI.ak atzo ekin zion alderdiekin bilera erronda bat egiteari, beste inbestidura saio baterako hautagaia zehazteko asmoz. Alderdi independentistek uko egin diote bertan parte hartzeari, baina aurkeztu da EAJko eledun Aitor Esteban. Jeltzaleak erregeari jakinarazi dio oraintxe ezin dela ziurtzat jo PSOEko idazkari nagusi eta jarduneko gobernuburu Pedro Sanchezen hautagaitza babestuko dutenik. EAJk aurreko astean jakinarazi zuen sozialistekin hitz egiten ari direla, baina negoziazioei orain helduko diete, PPren inbestidurak huts egin ostean. Halere, jeltzaleen ustez, PSOEk JxCrekin itxi behar du lehenik akordioa. Izan ere, alderdi hura ez da inbestidurako bloke gisa definitu denaren parte izan azken legealdian, baina haren botoak ere beharrezko ditu Sanchezek orain. Haiek eta ERCk Kataluniako independentzia prozesuarekin lotuta auzipetutako lagunentzako amnistia jarri dute mahai gainean, eta autodeterminazio eskubidea baliatzeko urratsak ere eskatu dituzte. Esan du gaur-gaurkoz ez direla betetzen Sanchez babesteko baldintzak. Horiek hala, Estebanek ez du baztertu urtarrilean hauteskundeak berriz egin behar izatea; izan Moncloaren «kalkulu demoskopikoengatik», izan aliatu posible batek atzera egiten duelako.
2023-10-3
https://www.berria.eus/albisteak/233528/hizkuntza-ereduei-eustea-jaso-dute-eajk-eta-pse-eek-batera-aurkeztutako-zuzenketa-batean.htm
Gizartea
Hizkuntza ereduei eustea jaso dute EAJk eta PSE-EEk, batera aurkeztutako zuzenketa batean
Zuzenketak jartzeko epea gaur amaitu da, eta EAJk eta PSE-EEk batera aurkeztu dituzte hizkuntza ereduei erreparatzen dien zuzenketa bat. EH Bilduk 146 aurkeztu dizkio lege proiektuari, eta Elkarrekin Podemos-IUk, osoko zuzenketa bat.
Hizkuntza ereduei eustea jaso dute EAJk eta PSE-EEk, batera aurkeztutako zuzenketa batean. Zuzenketak jartzeko epea gaur amaitu da, eta EAJk eta PSE-EEk batera aurkeztu dituzte hizkuntza ereduei erreparatzen dien zuzenketa bat. EH Bilduk 146 aurkeztu dizkio lege proiektuari, eta Elkarrekin Podemos-IUk, osoko zuzenketa bat.
EAJk eta PSEk albistea eman dute Hezkuntza Legearen tramitazioan zuzenketak jartzeko epea amaitzen zen egunean. Azken orduan, bi taldeek akordioa adostu dute Hezkuntza Legearen inguruan. Hizkuntza ereduen atalean ez zegoen adostasunik bien artean azken hilabeteotan, baina biek adostutako zuzenketa batean «indarrean dauden hizkuntza ereduak» aipatzen dira, hizkuntza ereduei eutsiko zaiela esateko. Eusko Legebiltzarraren %90ak onartu zuen Hezkuntza Itunean ez zen jaso hizkuntza ereduen jarraipena. PSEk azaldu duenez, adostu duten zuzenketak islatzen du bi hizkuntza ofizialak, euskara eta gaztelania, eta atzerriko hizkuntza «irakaskuntzarako hizkuntzak» izango direla; aldagai hori berria da Hezkuntza Ituna aintzat hartzen bada. Zuzenketak dio «ikasketak amaitzean bi hizkuntza ofizialak maila berean ezagutu» beharko dituztela ikasleek, eta, horretaz gain, «gutxienez atzerriko hizkuntza baten ezagutza» izan beharko dutela. Batera edo bestera, itun horrek modua emango dio Eusko Jaurlaritzari Hezkuntza Legeak tramitazioan aurrera egin dezan, baina ikusteko dago PSErekin hizkuntza ereduei eragingo liekeen itun hori egiteak zer-nolako ondorioak izango dituen beste alderdien jarrerari dagokionez, batez ere EAJk eta EH Bilduk landu duten orekari begira. Ikusi gehiago: Euskal eskola publikoaren aldeko manifestaziora deitu dute hilaren 29rako, Donostian Gauzak horrela, EAEko Hezkuntza Legearen tramitazioan egun garrantzitsua da gaur, alderdi politikoek zuzenketak aurkezteko izan duten epea amaituko baita. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk, Ciudadanosek, PPk eta Voxek agerraldiak egin dituzte goizean, xehetasunak emateko. EH Bildu izan da agerraldia egin duen lehena. Koalizioko legebiltzarkide Ikoitz Arresek iragarri duenez, 146 zuzenketa aurkeztu dizkiote lege proiektuari. Hauek izango dira ildoak: eskolek diru publikoa jasotzeko baldintzak zehaztea, euskara ardatz duen marko eleaniztuna sustatzea, zentroen autonomia... Elkarrekin Podemos-IUk ere jakinarazi du osoko zuzenketa bat eta 44 partzial aurkeztu dituela. Miren Gorrotxategi bozeramailearen esanetan, lege proiektuak ez du errespetatzen hezkuntza ituna: «Testu txarra da». Uste du «lege pribatizatzailea» dela. Carmelo Barrio aritu da hizketan PPren izenean. Osoko zuzezketa aurkeztuko dute, baita 62 zuzenketa partzial ere. Haren esanetan, hizkuntza ereduak desagertuko dira, eta «akats bat» iruditzen zaio. Gainera, dioenez, eskola publikoak itunpekoen gainetik jartzen ditu. Ciudadanoseko legebiltzarkide bakarrak, berriz, Jose Manuel Gilek, osoko zuzenketa baten berri eman du. Desegitear dagoen alderdi horrek beste 39 zuzenketa partzial aurkeztuko ditu. Uste du proiektuak euskara jartzen zuela erdigunean eta «nahitaezko euskalduntzea» ezartzen duela. «Sektario eta erradikal» gisa definitu du testua. Hizkuntza ereduak Argi dago korapilo nagusi bat badagoela: hizkuntza ereduak testuan agertuko ote diren edo ez. Hezkuntza itunean ez dira azaltzen, ezta Eusko Jaurlaritzak apirilean Eusko Legebiltzarrera igorri zuen Hezkuntza Lege proiektuan ere. Euskara ardatz duen sistema eleaniztuna aipatzen dute. Ikusteko dago EAJk eta PSE-EEk aurkeztuko dituzten zuzenketetan zer jasoko duten euskararen presentziari buruz. Orain arte batzuek eta besteek esan dutena ez dator bat. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek esana du hizkuntza ereduei eusten diela proiektuak; ordea, horiek berariaz aipatzea nahi du PSE-EEk. EH Bilduk, berriz, ziurtatu izan du proiektuan jasotakoa ez dela hizkuntza ereduen sistema. Alabaina, koalizio abertzaleak uste du euskarri juridikoak definitu beharko direla, ikasleek ikasketak amaitzean bi hizkuntza ofizialetan B2 maila eta atzerriko hizkuntzan B1 maila izan dezaten. Gainera, haien irudiko, ereduen eztabaida gaindituta dago, eta hau izan behar da helburua: zehaztea zer-nolako hizkuntza politika behar den maila horiek erdiesteko. Adierazia dute ildo horretan egingo dizkiotela ekarpenak lege proiektuari. Euskararen auzia nagusi bada ere, eztabaida eragin du ikastetxeen titulartasunaren aferak ere. Euskal Eskola Publikoaz Harro taldea proiektuaren aurka agertu izan da behin eta berriz. Gaur ere, 11:00etan, agerraldi bat egitekoak dira Eusko Legebiltzarreko atarian, eta aurreratu dute mobilizazio bat antolatuko dutela. Bi urteko lana Eusko Legebiltzarrean ia bi urte daramatzate Hezkuntza Legea ontzen. 2021eko urrian onartu zuten hezkuntza akordioa lortzeko lantalde bat osatzea, eta, ehun eragile inguru entzun ostean, 2022ko apirilaren 7an izenpetu zuten Hezkuntza Legearen oinarriak jartzeko akordioa EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk. Handik urte erdi ingurura, iazko irailean, Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren zirriborroa plazaratu zuen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. Eragileek ekarpenak egin zizkioten iazko udazkenean, eta grebak eta protestak antolatu zituzten lege aurreproiektuaren aurka. Azkenean, apirilaren 25ean onartu zuen Eusko Jaurlaritzak Hezkuntza Lege proiektua, orain Eusko Legebiltzarraren esku dagoena. Eta aurrerantzean, zer? Gaur zuzenketak aurkeztuta, osoko zuzenketak eztabaidatuko dituzte osoko bilkuran, ziur aski hilaren 19koan. Jada Elkarrekin Podemos-IUk, PPk, Ciudadanosek eta Voxek esana dute aurkeztuko dituztela. Printzipioz, ez dira aurrera aterako, eta zuzenketa partzialak eztabaidatzeko lantaldea jarriko dute martxan.
2023-10-3
https://www.berria.eus/albisteak/233530/legegintzaldirako-gehiengo-bat-osatzen-ahaleginduko-da-sanchez.htm
Mundua
Legegintzaldirako gehiengo bat osatzen ahaleginduko da Sanchez
Felipe VI.ak gobernua osatzeko enkargua egin ondoren, Espainiako jarduneko presidenteak nabarmendu du «eskuzabaltasunaren eta politikaren ordua» dela. Ez dute egunik jarri inbestidura prozedurarako.
Legegintzaldirako gehiengo bat osatzen ahaleginduko da Sanchez. Felipe VI.ak gobernua osatzeko enkargua egin ondoren, Espainiako jarduneko presidenteak nabarmendu du «eskuzabaltasunaren eta politikaren ordua» dela. Ez dute egunik jarri inbestidura prozedurarako.
Espainiako errege Felipe VI.ak Pedro Sanchez PSOEren presidentegaiari eskatu dio gobernua osatzen ahalegintzeko. Alberto Nuñez Feijoo PPkoaren inbestidura ahaleginak porrot egin zuen lehengo astean, eta estatuburuak, hortaz, elkarrizketa saila hasi zuen atzo: Espainiako Gorteetarako azken hauteskundeetan ordezkaritza parlamentarioa lortu zuten alderdiekin biltzen hasi da, beste hautagai bat proposatu eta hura gobernuko presidente izaten ahalegindu dadin. UPNko, CC Koalizio Kanariarreko, EAJko, Sumarreko eta Voxeko ordezkariekin batzartu zen atzo —ERC Esquerra Republicanak, JxC Junts Per Catalunyak, EH Bilduk eta BNGk uko egin diote harekin biltzeari—, eta gaur gauza bera egin du Sanchezekin eta Feijoorekin. Eta, bileren ondoren, Sanchez proposatu duela jakinarazi dio Felipe VI.ak Francina Armengol Kongresuko presidenteari. Hark eman du erabakiaren berri, agerraldi batean. Galdetu diote ea noiz izango den inbestidura prozedura, baina ez du zehaztu, eta gogoratu du epemuga azaroaren 27a dela. Eta Espainiako jarduneko presidenteak ondoren Espainiako Kongresuan egindako agerraldian adierazi du bihar beste alderdiekin hasiko dituen negoziazioen helburua ez dela izango «soilik» inbestidurarako behar dituen botoak erakartzea, baizik eta legegintzaldirako gehiengo bat osatzen ahalegintzea, Espainiari «egonkortasuna» emateko. Sanchezek «koalizio gobernu aurrerakoi bat» du asmo. Esan duenez, Sumarrekin ahaleginduko da koalizio hori osatzen, eta, orduan, lehen bilera ezkerreko koalizio horretako lider Yolanda Diazekin egitekoa da. Sanchezen esanetan, koalizio gobernu bat osatzea lortzen badute, saiatuko dira jarraipena ematen «azken lau urteotan egindakoari», baina «eraginkortasuna hobetuta». PSOEren proiektuaren zutarrietako bi izango dira «aurrerabide soziala» eta «espainiarren eta Espainiako herritarren arteko elkarbizitza». Eta erabakiak «Espainiako Konstituzioaren esparruaren barruan» hartuko dituztela ohartarazi duen arren, erantsi du «eskuzabaltasunaren eta politikaren ordua» dela. Gaur-gaurkoz, Kongresuan ez du behar besteko babesik berriro presidente izendatua izateko. Argi dago zeintzuk dituen kontra: PP, Vox, eta UPN; hau da, 171 boto. Sanchezek PSOEren 121 botoak ditu ziurtatuak, baina iruditzen zaio gai izango dela Sumarren (31), ERCren (7), JxCren (7), EH Bilduren (6), EAJren (5) eta BNG Bloke Nazionalista Galiziarraren (1) babesa ere lortzeko: 178. Ez dago baztertuta, gainera, CCk ere alde bozkatzea, nahiz eta Feijoo babestu zuen lehengo asteko inbestidura prozeduran. Legegintzaldi honetan, hiru aldiz gertatu da jada 178 botoren batura hori Kongresuan. Batetik, Kataluniako alderdi subiranistekin egoera desblokeatzeko akordioak egin ondoren Armengol ganberako presidente aukeratu zutenean, abuztuan. Bestetik, Feijooren inbestidura prozedurako lehen bozketan; eta bigarrenean ere halaxe izan behar zuen, botoa ematean JxCko diputatu batek huts egin izan ez balu. Inbestidura prozedura batean, lehen bozketan gehiengo osoa behar izaten du hautagaiak; alegia, 176 boto. Bigarren bozketan, ordea, nahikoa izaten da gehiengo soila lortzea. Ikusi gehiago: Bere printzipioei uko egin izana leporatu dio Feijook Sanchezi Felipe Borboikoarekin batzartu ondoren, Sumarreko lider Yolanda Diazek adierazi zuen PSOErekin akordio bat lortzetik «urrun» daudela oraindik. Inbestidura baten aurreko asteetan ohikoak izaten dira gisa horretako adierazpenak, baina ia egintzat jo daiteke ezkerreko koalizioak Sanchez babestuko duela, eta, gobernua osatzea lortzen badu, horretako kide izango dela. Ez dago argi Diazek atzo esan zuenagatik izan ote den, baina Feijook adierazi du, gaur, duela hilabete bat baino babes gutxiago duela Sanchezek. «Gezur askokoak izango dira hurrengo asteak», iragarri du erregearekin batzartu ondoren Kongresuan egin duen agerraldian. Nabarmendu du, bide batez, Sanchez kritikatuz, berak «uko» egin diola «edozein preziotan» inbestitua izateari. Bakoitzaren baldintzak Gainontzean, babesaren truke, EAJk nahi du Sanchezek lurralde auziaren eztabaida abiatzea. Hori bai, Aitor Esteban jeltzaleek Kongresuan duten diputatuak gogorarazi zion atzo Sanchezi ez direla ari betetzen Gernikako Estatutuaren eskumen aldaketarako ezarritako egutegia. EH Bilduk ez dio marra gorririk jarriko PSOEri, eta, era berean, lurralde auzia jarri du erdigunean. Kataluniako alderdi independentistek, bestetik, bi baldintza jarri dizkiote Sanchezi babesaren truke: prozesu subiranistak eragindako errepresaliatuei amnistia ematea eta Katalunian erreferendum bat egitearen alde lan egitea hurrengo legegintzaldian. Azken asteetan egin dituzten adierazpenak aintzat hartuta, PSOEk iradokitzen du lehen baldintza behintzat onartuko duela; bigarrena, aldiz, ez, alderdi horretako presidentegaiak gaur ere atea itxi baitio autodeterminazio galdeketa bat onartzeari. Nolanahi ere, bakoitzak profil propioa markatu nahi duenez, badira aldeak ERCren eta JxCren diskurtsoen artean; esaterako, Carles Puigdemont JxCren buruak ez zuen erreferenduma aipatu ere egin aurreko igandean, U-1eko galdeketaren seigarren urteurrenaren harira egindako agerraldi batean. Ikusi gehiago: Erreferenduma, negoziaziora Azaroaren 27rako ez bada presidenterik izendatu, erregeak gorteak desegin beharko ditu, eta hauteskundeetara deitu. Gabonak pasatuta egingo lirateke, urtarrilaren 14an.
2023-10-3
https://www.berria.eus/albisteak/233531/aterki-bat.htm
Gizartea
Aterki bat
Aterki bat.
Durangon ikusi nuen azkenekoz Xabier Mendiguren Bereziartu. Artean ez nekien azken aldia izango zenik, telefonoz hitz egin genuenean duela pare bat aste bisita egitekotan geratu ginelako, baina, jakina den bezala, orain berandu da. BERRIAk deitu gintuen, Xabier, Joanmari (Larrarte) eta hirurok, Kontseiluaren sorreraz eta horrek eragin zuenaz hitz egiteko. Euria ari zuen, euri fin eta herabea, eta elkarrengana hurbiltzen hasi orduko, aterkia eskuratu zidan, goxo, ez bustitzeko. Azken irudi horrek Xabier Mendigurenen esentzia islatzen du, edo gutxienez, nirekiko bere izateko moduaren metafora argia iruditzen zait. Izan ere, beti hartu ninduen goxotasunez, beti lagundu eta babestu izan ninduen behar izan zen guztietan —eta ez ziren bakanak izan haren hitzetan lasaitasuna eta konfiantza eskuratu nituen aldiak—. Dudarik ez dut, gainera: asko gara gaur bihotza apur bat uzkurtuta dugunok, gaur bakarrago sentitzen garenak. Aterkirik gabe. Iruñeko Larraona Ikastetxean elkartu zen Kontseiluaren zuzendaritza-taldea 1998. urteko uztailean, eta bertan erabaki zuen gerora Bai euskarari ekimena izango zena abian jartzea. Lehendik ezagutzen banuen ere, une horretan hasi zen gure bidaia partekatua, gure arteko harremana. Une horretatik aurrera eta ondorengo hilabete zirraragarrietan, bidaide izan ginen. Propio idatzi dut bidaide, kontaezinak baitira kopilotuaren eserlekuan Xabier eserita zihoala elkarrekin egin genituen kilometroak. Kanpainan eta haren ingurumarian, bereziki, baita ondoren ere. Xabierrek ez zuen gidatzen, eta beharrik ere ez zuela esaten zigun bila joaten gintzaizkion lagunoi. Egiako bere etxetik Andoaineko Kontseiluaren egoitzara, bilera batetik beste bilera batera, goizeko ordu txikietan edo gauean, Donostiatik Gasteizera, edo Tutera edo Baionara… Ahaztezinak zaizkit Euskal Herria alderik alde zeharkatu genuen bitartean harengandik jasotakoak; filosofiaz, hizkuntzalaritzaz, geografiaz, politikaz eta bizitzaz hitz egiten genuen, bizitza ulertzeko bere modu partikularraz bereziki. Kultura handiko gizona, hizketaldi atsegin eta sakona, zirikatzailea, umore fin —eta askotan ulergaitza—. Bidaiek zentzu klasikoa zuten Xabier aldean zenean: bidaia bera gozarazten zizun. Xabierren esentzia islatzen du horrek ere: asko eta munta handikoak diren bere lorpenak goraipatzen ditugun arren, azaltzen eta partekatzen zailagoak diren beste ikaspen, bizipen eta sentipen horiek dira barru-barruraino iltzatuta geratu zaizkidanak. Ugariak dira Xabier Mendigurenek euskal jendarteari eta bereziki euskalgintzari egin dizkion ekarpenak. Kontseiluaren ardura hartu zuen «dispositibo» hark zer emango zuen ez genekien garaian, eta arriskatu egin zuen, batasuna eta elkarlanak arriskuak hartzea dakarrelako ezinbestean, are gehiago garai hartan. Adostasuna bide malkartsua izan da beti, eta maiz tentazioa izaten dugu bidezidor erosoagoren bat hartzeko, nekearen nekeaz edo. Xabier adostasunaren alde borrokatu zen, hitzaren adierarik ederrenean, euskalgintzaren eraikuntzan zimenduak sendo kokatzearen alde, iritzi-aniztasunari leku bat egitearen alde. Egonarri handiko gizona zela idatzi du Joanmarik bere agurrean, eta halaxe zen, izan ere. Baita temosoa ere… zenbat aldiz ez ote gintuen zoratu horregatik!p> Zer esan ahal zaio hitzak maisutasunez eta zuzentasunez josten trebeena zenari? Nola eskertu beti «eskerrik asko» esaten zizunari? Eskuzabaltasunez bizi izan denari zer eskain dakioke azken urratsa egin duenean? Ez dakit. Hitzik gabe utzi nau, beste behin ere. Ahal banu, aterki horren azpian sartuko nintzateke berriro, azken aldi batez, goxo, Xabier Mendigurenen ondoan, «segi bizkor» esanez agurtu baino lehen. Mila esker, Xabier. Bidaia ederragoa izan da zuri esker.
2023-10-3
https://www.berria.eus/albisteak/233532/irailean-1800-langabe-gutxiago-daude-hegoaldean-eta-9000-afiliatu-gehiago.htm
Ekonomia
Irailean 1.800 langabe gutxiago daude Hegoaldean, eta 9.000 afiliatu gehiago
Udan galdutakoa errekuperatzen ari da lan merkatua, eta sektore guztietan jaitsi da langabeen kopurua. 100.000 kontratu baino gehiago sinatu dira irailean.
Irailean 1.800 langabe gutxiago daude Hegoaldean, eta 9.000 afiliatu gehiago. Udan galdutakoa errekuperatzen ari da lan merkatua, eta sektore guztietan jaitsi da langabeen kopurua. 100.000 kontratu baino gehiago sinatu dira irailean.
Abuztuan galdutako enplegua errekuperatzen ari da lan merkatua Hego Euskal Herrian. Orduan 3.000 langabe gehiago zenbatu zituen SEPE Espainiako enplegu zerbitzu publikoak, baina irailean 1.791 pertsona gutxiago daude langabezian. Hego Euskal Herriko lan merkatuan ohikoa da uztailean eta batez ere abuztuan enplegua galtzea eta irailean berriro sortzea; besteak beste, irakaskuntzan aldaketa hilabeteak baitira: ikasturte osoko ordezkapenak egiten ibili diren irakasleei kontratua amaitzen zaie abuztuan, baina irailean berriro kontratatzen dituzte ordezkoak, baja medikoak eta eszedentziak estaltzeko. Hezkuntzako beste sektore batzuetan ere gertatzen da fenomeno hori, jangeletan eta akademietan esaterako. Hala, zerbitzuen sektorea izan da langabezia gehien jaitsi den sektorea, abuztuan baino 1.430 langabe gutxiago baitaude. Beste guztietan ere behera egin du langabeziak: nekazaritzan (-96), industrian (-344) eta eraikuntzan (-86). Langabezia tasa, behera Abuztuan %10etik gora zegoen langabezia tasa, baina %9,88ra egin du behera. Lurraldeei erreparatuz gero, Bizkaia da langabeen kopurua gehien gutxitu den lurraldea (-1.009). Gipuzkoa gertu izan du (-816), eta Araban 108 langabe gutxiago daude irailean. Nafarroa izan da langabeziak gora egin duen bakarra: 142. Mari Carmen Maeztu Nafarroako Gobernuko Enplegu kontseilariak garrantzia kendu dio iraileko igoera horri, Nafarroako enplegu datuak inoizko onenak direla gehituz. Iazko irailarekin alderatuta, baina, lurralde guztietan egin du behera langabeen kopuruak. Hala, Hegoaldean 2022ko irailean baino 6.837 langabe gutxiago zenbatu dituzte 2023ko hil berean. Langabeziaren genero arrakala da oraindik ere lan merkatuaren arazo nagusietako bat. Izan ere, irailean Hego Euskal Herrian erregistratuta zeuden langabeen %58,9 emakumeak ziren. Mugagabeak, gora Urte hasieratik, gutxinaka txikituz joan da kontratu mugagabeen ehunekoa, baina uztailetik suspertzen ari da. Urtarrilean %26 baino gehiago ziren, baina uztailean %21,5eraino jaitsi zen kopurua. Gora egiten hasi da ordutik, eta irailean Hego Euskal Herrian sinatutako kontratuen %27,4 mugagabeak izan dira. 2021. urtearen amaieran onartu zuten Espainiako Gorteek lan erreforma berria, eta behin-behineko lan kontratuak egitea debekatu zuten, ordezkapenen kasuak salbuetsita. Hala, ordutik gora egin du mugagabeen portzentajeak. Kontratazio datu horiek goratu ditu Alfonso Gurpegi Eusko Jaurlaritzako Lan sailburuordeak, eta adierazi du enpresek kontratatzeko gogoa dutela oraindik ere. Uste du lan merkatuko eskaria eta eskaintza «konektatzen» ari direla. Confebaskek ere begi onez ikusi du langabezia apaldu izana, baina suspertze erritmo motelagoa espero du urte amaierara arte. Langabezia laguntzak jasotzen dituztenetan ere aldaketak egon dira, behera egin baitu inolako langabezia saririk jasotzen ez dutenen ehunekoak. Ia %49 ziren uztailean, eta %46,9 dira abuztuan. Beherakada hori langabezia sari arrunta jasotzen dutenen igoeragatik gertatu da batik bat, uztailetik abuztura %31,4tik %33,4ra egin baitu jauzi. Gizarte Segurantzari dagokionez, uztaileko eta abuztuko erorikoen ondoren, irailean berriro gainditu da 1,3 milioi afiliatuen langa. Edonola ere, beste 8.000 falta dira inoizko kopururik handienera iristeko —maiatzean, 1.309.116 izan ziren—. Nekazaritzan jauzi handia izan da, mahats bilketa dela-eta 1.600 kotizatzaile gehiago batu baitira sistemara. Sindikatuen ikuspuntua Beste behin, CCOO eta UGT dira langabeziaren datuak gehien balioetsi dituzten sindikatuak. Biek ala biek adierazi dute datuak onak direla, eta, lurraldeka datuak aldatu egiten direnez, urte arteko aldaketa goratu dute, Hegoaldean ia 7.000 langabe gutxiago baitaude orain iazko hil berarekin alderatuta. ELAk, baina, kontratu berrien prekaritatea salatu du, eta nabarmendu du enplegurik ez dutenak «babesgabe» daudela oraindik: «Nabarmendu behar da, halaber, langabezian izena eman dutenen %48k ez dutela langabezia laguntzarik kobratu, eta soilik %33k kobratu dutela kotizaziopeko prestazioa». Emakumeen eta gazteen langabezia txikitzeko neurriak ere eskatu ditu, UGTk eskatu duen moduan. LABek uste du datuen interpretazio sakonago bat egin behar dela. Sindikatuaren esanetan, hainbat taldetan langabeziak gora egiten jarraitzen du, gazteen artean esaterako. Bestalde, afiliazio datu berriak «enpleguaren prekaritatearen» seinale direla adierazi du.
2023-10-3
https://www.berria.eus/albisteak/233533/mendigurenek-euskararen-alde-egindako-lana-goraipatu-dute-hainbat-eragilek.htm
Gizartea
Mendigurenek euskararen alde egindako lana goraipatu dute hainbat eragilek
Harekin urte luzez lanean aritutakoa da Laura Mintegi, eta «gizon entziklopediko» gisa definitu du.
Mendigurenek euskararen alde egindako lana goraipatu dute hainbat eragilek. Harekin urte luzez lanean aritutakoa da Laura Mintegi, eta «gizon entziklopediko» gisa definitu du.
Bart hil da Xabier Mendiguren Bereziartu idazlea, itzultzailea eta Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi ohia. Haren beila bihar izango da, 16:00etatik 20:00etara, Errekaldeko beilatokian. Euskalgintzaren arloan eta itzulpengintzan egindako lana dela medio, albistea ez da oharkabean pasatu, eta Euskal Herriko txoko guztietako eragile, erakunde eta lagunek oroitu dute Mendiguren. Filosofia eta Letretako lizentziaduna zen heinean, arlo horretan jardun zuen urte luzez. Bertzeak bertze, euskarazko testuliburuak sortzen lan handia egin zuen: Saioka euskarazko ikasliburuak egin zituen bertze zenbait lagunekin batera. Hori ongi gogoratzen du Laura Mintegi euskal idazle eta irakasleak: «Garai hartan testuliburuak egitea ezinbestekoa zen, ikastolak sortzen hasten ari baitziren». Ikusi gehiago: Iritzia. Pilar Kaltzada: 'Aterki bat' Horrez gain, Martuteneko Itzultzaile Eskolaren sorkuntzan parte hartu zuen Mendigurenek, eta hango irakasle eta zuzendari lanetan aritu zen 1990era arte. Bertan egindako lanagatik bereziki «miresten» du Mintegik, haren iritziz eskola hura izan baitzen egungo itzultzaile anitzen formakuntzaren oinarria. Horrez gain, eskola hartatik atera ziren 1987an EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea eta Senez aldizkaria. Elkar taldeak eta Euskal PEN klubekoek ere Mendigurenek itzulpengintzan egindako lana ekarri dute gogora, X sare sozialean zabaldutako mezuen bidez. Lorea Agirre kazetariak ere Mendigurenek itzultzaile gisa egindakoak azpimarratu ditu: «Autore garrantzitsuak ekarri zituen euskarara lehen aldiz, eta horrek ateak zabaldu zizkion euskarari». Hizkuntzen zalea zela ere gogoan du, eta 12 hizkuntza inguru zekizkiela. Mintegi eta Mendiguren 1996an hasi ziren elkarrekin lanean, Euskararen Unibertsoa mugimenduan. «Bi urtez buru-belarri aritu ginen lanean zazpi pertsona, gero Euskalgintzaren Kontseilua izango zena sortzen». Bi urte geroago sortu zen Kontseilua, eta, haren sorreran parte hartu zuten gehienak beren lanetara itzuli baziren ere, Mendiguren «lemazain» gisa gelditu zela oroitu du Mintegik. Hala, 1998tik 2010 bitarte Kontseiluko idazkari nagusi izan zen, eta euskaltzain urgazle izendatu zuen Euskaltzaindiak. «Gizon entziklopedikoa» Haren ibilbidea ikusita, «gizon entziklopediko» gisa definitu du Mintegik: «Ez zuen estimatzen berak egiten zuen lan erraldoia, baina besteek egindakoa, handia edo txikia izan, bai». Ados agertu da Agirre, Mendigurenek Kontseiluan egindako lana nabarmendu baitu berak ere. Kontseilua sortzea euskalgintzarendako eta euskal gizartearendako «jauzi kualitatibo» bat izan zela erran du, eta, hein handi batean, hori Mendigurenek egin zuela: «Bera izan zen lehen idazkari nagusia; beraz, berak asmatu behar izan zuen euskalgintzaren batasuna lantzen, egituratzen, bere leku soziala ematen eta garrantzi politikoa ikusarazten». Jakin aldizkarian izandako ibilbideaz ere mintzatu da Agirre, eta hedabidearen lehenbiziko urteetan beraiekin izan zela erran du. Hala, hark idatzitakoak berriz ere irakurtzea eta haren hitzak gogora ekartzea «omenaldi txiki bat» dela dio: «Mendiguren gogoratzeko modu bat da, zer idatzi zuen, zer pentsatzen zuen, zein kezka zituen eta zer soluzio bilatzen zituen kontuan izateko». Funtsean, «bidegilea» izan dela argi du, eta hari esker belaunaldi berriek lasaiago egin ahal izanen dutela aurrera. Ikusi gehiago: Iritzia. Paul Bilbao: 'Gure Xabier' «Kikiltzen ez zen gizona, kultur handikoa». Horrela gogoratzen du Sagrario Aleman irakasle eta euskaltzainak Xabier Mendiguren. Harekin lanean aritu da, eta bereziki miresten du Mendigurenek egoera zailetan zuen jarrera: «Hainbat gauza gogor bizitzea tokatu zitzaion, eta beti aurrera egiten saiatu zen, egoerarik gogorrenean ere». Egunkaria-ren itxiera da Alemanek buruan duen egoera gogor haietako bat: Mendiguren gakoa izan zen hedabidearen itxierari aurre egiteko orduan, garai hartan bera baitzen Kontseiluko idazkari nagusia. «Jakin zuen elkartzen hainbat jende oso interes eta pentsamendu diferenteetakoak. Bazekien egoerari aurre egin behar zitzaiola, eta hori lortzeko elkarrekin jokatu behar genuela», adierazi du. Agirrek ere gogoan du Egunkaria-ren itxieran Mendigurenek izandako jarrera: «Kontseiluak euskalgintzaren erantzuna antolatzeko jarrera hartu zuen, euskalgintza izan zedin Egunkaria bera». Esker onak Euskalgintzako eta itzulpengintzako alorretan dabiltzanek ez ezik, Euskal Herriko zenbait politikarik ere Mendigurenen aldeko hitzak zabaldu dituzte sare sozialetan. Jose Ignacio Asensio PSE-EEren Gipuzkoako ahaldungai nagusiak, adibidez, gogoratu du Mendigurenek beti euskararen alde egiten zuela, eta «ezberdinen arteko adostasunen bilatzaile» gisa definitu du. Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak eskerrak eman dizkio Mendigureni: «Euskararen aldeko borrokan segituko dugu, Xabier. Eskerrik asko herria egiteagatik». Ikusi gehiago: Iritzia. Joanmari Larrarte: 'Ez adiorik, Xabier'
2023-10-3
https://www.berria.eus/albisteak/233534/ernaik-dio-euskal-gazteriak-laquokaleak-hartzenraquo-segituko-duela.htm
Politika
Ernaik dio euskal gazteriak «kaleak hartzen» segituko duela
Gazte erakundeak Zelaia eta Barbadoren atxiloketa salatu du, elkartasuna agertu, eta atxilotu arteko dinamikaren balorazioa egin.
Ernaik dio euskal gazteriak «kaleak hartzen» segituko duela. Gazte erakundeak Zelaia eta Barbadoren atxiloketa salatu du, elkartasuna agertu, eta atxilotu arteko dinamikaren balorazioa egin.
Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazteen kasuagatik abiarazitako dinamikari amaiera eman dio Ernaik gaur goizean, Gasteizen egindako prentsaurrekoan. Dinamika horren azken lau urteetako ibilbidea baloratu dute, eta euskal gazteriak «kaleak hartzen» jarraituko duela iragarri. Azaldu dute gazteak ez ezik «herri oso bat zutitu eta mobilizatu» dela Zelaia eta Barbado espetxeratzearen aurka, eta borrokaren eta antolakuntzaren «erregaia», hain zuzen, «kolektiboa» izan dela. «Harro» agertu dira egindako guztiaz, baina gaur amaiera eman diote duela bost urte hasitako bideari. Auziak lekua hartu du memoria kolektiboan, haien ustez: «Auzi honek antolakunde gisa markatu du Ernai». Eskerrak eman dizkiete urteotan ekarpenak egin dituzten gazte guztiei; eta aitortza berezia egin diote Ankerkeriari Stop plataformako kideei, egin duten lan «nekaezinagatik». «Amorrua anbizio bilakatzeko gaitasuna» azpimarratu du erakundeak: «Amorruz kalera atera eta ondoan ehunka gazte ikustean, herri honen alde lan egiten jarraitzeko anbizio bihurtu zen amorrua. Euskal Herria askatzeko anbizioa». Hurrengo hilabeteetan «erronka berriei» helduko dietela azaldu dute, eta urriaren 13tik 15era «utopiak lehertuko» dituztela. Azaroaren 30ean Greba Feminista Orokorraren «lehen lerroa» hartuko dutela diote, aurrerantzean ere Euskal Herria «eraikitzen» jarduteko. Frogatu nahi dute gaitasun nahikoa dutela Euskal Herriak aurkitu ditzakeen erronkei aurre egiteko, baina argi dute horretarako gazteria antolatu behar dela, hau da, geroz eta gehiago izan behar dutela «zapalkuntzarik gabeko» Euskal Herriaren alde borrokatu nahi duten gazteak.
2023-10-3
https://www.berria.eus/albisteak/233535/ostiralean-hasiko-da-lau-eta-erdiko-txapelketa-agoitzen.htm
Kirola
Ostiralean hasiko da Lau eta Erdiko Txapelketa, Agoitzen
Hamabi pilotarik jokatuko dute, eta horien artean bi ariko dira lehen aldiz: Iker Larrazabal Baikokoa eta Iker Salaberria Aspekoa. Azaroaren 19an jokatuko dute finala, Bilbon, Bizkaia pilotalekuan. Nagusiki, Unai Laso faltako da; gutxienez abendura arte ez du jokatuko.
Ostiralean hasiko da Lau eta Erdiko Txapelketa, Agoitzen. Hamabi pilotarik jokatuko dute, eta horien artean bi ariko dira lehen aldiz: Iker Larrazabal Baikokoa eta Iker Salaberria Aspekoa. Azaroaren 19an jokatuko dute finala, Bilbon, Bizkaia pilotalekuan. Nagusiki, Unai Laso faltako da; gutxienez abendura arte ez du jokatuko.
Ohitura da jada. Masterseko finala jokatuta amaitzen da udako pilota denboraldia, eta jarraian hasi Eskuzko Pilota Enpresen Ligaren (EPEL) lau eta erdikoa. Ostiralean hasiko da, Agoitzen (Nafarroa), eta ia hilabete eta erdi iraungo du, azaroaren 19an jokatuko baitute finala, Bilbon, Bizkaia frontoian. Gaur goizean aurkeztu dute txapelketa, Bizkaia frontoian bertan. Hamabi pilotarik jokatuko dute berriro, enpresa bakoitzetik seik. Aspetik, Joseba Ezkurdia, Jokin Altuna, Aitor Elordi, Peio Etxeberria, Iker Salaberria eta Danel Elezkano (ez da aurkezpenean egon) arituko dira; Baikotik, berriz, Erik Jaka, Mikel Urrutikoetxea, Iñaki Artola, Jon Ander Peña, Iker Larrazabal eta Asier Agirre. Zazpigarren urtez jarraian, aurrelariak dira guztiak. Pilotarien artean bi aldaketa daude azkeneko ekitaldiaren aldean: Baikon, Larrazabalek lehen aldiz jokatuko du maila nagusiko lau eta erdikoa. Enpresak denbora darama 21 urteko aurrelari amurrioarraren alde egiten. Horren erakusle da udako torneo garrantzitsu guztietan jarri duela. Horietan, kosta egin zaio nabarmentzea. Beraz, ikusteko dago nola moldatuko den txapelketa garrantzitsu batean. Gainera, bakarka sufritu izan du gehien. Adibidez, zortzi aldiz jokatu du lau eta erdian, zazpitan Promozio Mailako Txapelketan, eta behin maila nagusiko sanferminetako torneoan, eta behin bakarrik irabazi du. Ez dira estatistika onak, baina enpresak uste osoa du harengan. «Oso pozik nago. Asko entrenatu naiz, baina pilotari oso onak daude txapelketa honetan. Ea ondo aritzen naizen, eta gozatu egiten dudan. Urduri nago, baina badakit lan ona egiteko lasai aritu behar dudala. Uda oso ondo etorri zait, lehen mailako partida asko jokatu baititut binaka. Baina oso bestelakoa da banaka aritzea; horretan hobetu behar dut gehien», esan du Larrazabalek. «Pausoz pauso» joan nahi du. «Lehenbizi, Eriken aurka jokatuko dut. Partida zaila da, hura oso ondo ari baita. Baina hari aurre egiteko baliabideak ditut». Ezin da zuloa estali Hura ari da betetzen Unai Lasoren hutsunea, baina zulo handia da hori; ezinezkoa da hura estaltzea. Bizkarreta-Gerendiaingoa (Nafarroa) osatzen ari da ekain erdialdean eskuin aldakan egin zioten ebakuntzaz. Gutxienez, abendu arte ez du berriz ere jokatuko. Beraz, ez da arituko lau eta erdikoan, eta binakakoaren aurreneko neurketak galduko lituzke. Udan sumatu egin da haren falta, eta lau eta erdikoan ere beste horrenbeste gertatuko da. Aspen, berriz, Salaberria da berria. Larrazabalek bezala, hark ere lehen aldiz jokatuko du maila nagusiko lau eta erdikoa. 24 urteko aurrelari goizuetarra Promozio Mailako lau eta erdiko txapelduna da, baita azken bi urteetako buruz buruko txapeldunordea ere. Aurrerapausoa eman du, eta horren saria jaso du. Dario da azken lau eta erdikotik falta den bakarra, baina galdu egin zuen atarikoa, Elezkano II.aren kontra. «Aukera polita eman dit enpresak; kontuan hartu du urtean zehar egin dudan lana. Ederra da hemen egotea, baina, orain, nire txanda da: ondo jokatu behar dut. Lehen Mailan aritzeagatik ez naiz zerura igoko; hemen, segituan jaitsarazten zaituzte. Uda txukuna egin dut, eta, orain, bete-betean prestatu nahi dut lau eta erdikoa. Ahalik eta ondoena aritzea da helburua», adierazi du Salaberriak. Argi du: «Oso gogorra» izango da Urrutikoetxearen aurkakoa. «Hemen ez dago herrenik. Ziur Mikelek oso ondo prestatu duela neurketa. %100 baino gehiago eman beharko dut irabazteko». Ostiralean jokatuko dute final-zortzirenetako lehen partida, Agoitzen (21:15, ETB1): Artola eta Agirre ariko dira. Larunbatean, berriz, Jaka eta Larrazabal ariko dira, Laudion (Araba). Azkenik, igandean bi partida jokatuko dira, biak ere Tolosan (Gipuzkoa): Urrutikoetxea eta Salaberria ariko dira elkarren aurka horietako batean, eta Elezkano II.a eta Peña II.a, bestean. Azken urteetako sistemari eutsi diote. Final-zortzirenetako irabazleak final-laurdenetako ligaxkarako sailkatuko dira. Han izango dituzte zain lau zerrendaburuak, iazko lau eta erdikoaren lehen lau sailkatuak. Aspekoak dira laurak: Ezkurdia —azken txapelduna—, Altuna III.a, Elordi eta Peio Etxeberria, hurrenez hurren. Salaberria eta Urrutikoetxearen arteko irabazleak, eta Jaka eta Larrazabalen artekoak Ezkurdia eta Peio Etxeberria izango dituzte aurkari A multzoan; hiru jardunaldiko ligaxka jokatuko dute. Artola eta Agirreren arteko garaileak eta Elezkano II.a eta Peña II.aren artekoak, berriz, Altuna III.arekin eta Elordirekin ariko dira B multzoko ligaxkan. Bi multzoetako lehen bi sailkatuak ariko dira finalerdietan: A multzoko lehenak B multzoko bigarrenaren aurka jokatuko du, eta B-ko lehenak, A-ko bigarrenaren kontra. Azaroaren 4an eta 5ean jokatuko dituzte finalerdiak, eta irabazleek finala jokatuko dute bi aste geroago, 19an, Bilbon. Tartean dagoen igandean, 12an, hirugarren eta laugarren posturako norgehiagoka jokatuko dute. Ezingo da partidarik atzeratu; final-zortzirenetan, final-laurdenetako ligaxkan eta finalerdietan, galdutzat emango zaio partida lesionatzen denari, eta haren aurkaria joko dute irabazletzat. Finala ere ez da atzeratuko, eta, iristen diren bi pilotarietako batek ezin badu jokatu, hirugarren sailkatuak ordezkatuko du. Txapeldunaren motibazioa Ezkurdiak irabazi zuen iaz txapela: Altuna III.ari nagusitu zitzaion Bilbon, aspaldiko finalik ikusgarrienean. Emaitza da horren erakusle: 22-21. Arbizuarrak uda ederra osatu du: Aste Nagusiko eta sanmateoetako torneoak, eta Martersa irabazi ditu. «Udako lan onari esker, ilusioz eta motibazioz ekingo diot lau eta erdikoari. Helburua ahalik eta gorena egotea da; azkeneraino aritzea txapela irabazteko borrokan. Bi aste ditut lehen partida prestatzeko. Lan fisikoa egiten aritu naiz; orain, aldiz, frontoian ere entrenatuko naiz. Gauza bakarra eskatzen dut: osasun ona izatea, sasoiko egotea eta eskuak ondo izatea». Altuna III.ak ere uda ona osatu du, eta, urtean egindako lanari esker, irabazi egin du EPELen denboraldiko pilotari onenaren saria. Gaur eman diote saria. «Gogotsu» dago amezketarra. «Dena eman nahi dut, eta txapelketa ona egin. Txapela nahi dudan? Bai, noski, baina edonork irabaz dezake. Joseba ni bezain faboritoa da; hiru txapel ditu jadanik. Aitor, berriz, buruz buruko txapelduna da, eta iaz ikusgarri aritu zen lau eta erdian. Peiok, bestalde, edonoiz egin dezake finalerako jauzia. Baikon ere oso pilotari onak daude: Erik, Peña, Artola...».
2023-10-3
https://www.berria.eus/albisteak/233536/haitira-nazioarteko-misio-armatu-bat-bidaltzea-onartu-du-nbek.htm
Mundua
Haitira nazioarteko misio armatu bat bidaltzea onartu du NBEk
Segurtasun Kontseiluaren ebazpenak gutxienez urtebeteko laguntza aurreikusten du. Kenyak gidatuko du lantaldea, eta «beharrezkoak diren neurri guztiak hartzeko» baimena izango du.
Haitira nazioarteko misio armatu bat bidaltzea onartu du NBEk. Segurtasun Kontseiluaren ebazpenak gutxienez urtebeteko laguntza aurreikusten du. Kenyak gidatuko du lantaldea, eta «beharrezkoak diren neurri guztiak hartzeko» baimena izango du.
Laguntza eskaria jaso eta urtebetera, NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluak oniritzia eman dio nazioarteko misio armatu bat Haitira bidaltzeari. Talde armatuen indarkeriaren ondorioz, herrialde horretako egoera nabarmen okertu da urteotan, batez ere segurtasunari dagokionez; horren erakusle, iragan hilabetean, G9 Familia eta Aliatuak bandako lider Jimmy Cherizierrek mehatxu egin zuela gobernua kargutik botatzearekin. Eta aintzat hartu ondotik egonkortasun politikoa eta ekonomikoa ere ez dagoela bermatuta, MSS Nazioarteko Segurtasun Babesa eratzea erabaki dute: Kenya izango da horren liderra, eta gutxienez urtebete iraungo du —misioa luzatzeko aukera izango dute—. Gatazka eta zatiketa geopolitikoen garaia den honetan, Haitiri buruzko ebazpenak aspaldian ikusi gabeko babesa jaso zuen atzo gauean NBEren Segurtasun Kontseiluan egindako bozketan. Hamabost kideetatik hamahiruk eman zioten baiezkoa testuari; eta beste biak, Txina eta Errusia —beto eskubidea dute— abstenitu egin ziren, argudiatuta aurrez Karibeko herrialde horretan izandako nazioarteko esku hartzeek ez zutela erabateko arrakastarik izan. Edonola ere, Haitiko Atzerri ministro Jean Victor Geneuse pozik agertu zen atzo, eta eskerrak eman zizkion erakundeari «elkartasun keinuagatik», nazioarteko misio armatua «itxaropen izpi bat» delakoan. NBEren datuen arabera, aurten gutxienez 3.000 lagun hil eta 902 zauritu dituzte banda armatuek; gainera, 1.500 bat pertsona ere bahitu dituzte, eta, talde horiek eragindako indarkeriaren ondorioz, 200.000 lagunek beren burua behartuta ikusi dute lekualdatzera, batez ere Port-au-Prince hiriburuan —horietako gehienak kanpaleku inprobisatuetan bizi dira—. Egoera humanitarioak okerrera egin du, oro har: 5,2 milioi pertsonak behar dute laguntza humanitarioa, biztanleen ia erdiek. Ikusi gehiago: «Haiti ez da txiroa; pobre egin dute» Haitiko Gobernuaren ustetan, horren guztiaren errudun nagusiak banda armatuak dira, eta horregatik eskatu du nazioarteko misio bat herrialdera itzul dadila Polizia laguntzera. Hori bai, NBEren Segurtasun Kontseiluak onarturiko ebazpenak ez du datarik finkatu; aldiz, MSS hedatzeko prozesuak «zenbait hilabete» iraungo du, Efe berri agentziari esan diotenez. Hain justu, Kenyako Atzerri ministro Alfred Mutua pozik agertu da erakundearen erabakiarekin, baina, X sare sozialean gaurko ordu txikietan idatzitako mezu baten bidez, eskatu du «denbora gutxian» bidal dezatela nazioarteko misio armatua, zeinak baimena izango duen «beharrezkoak diren neurri guztiak hartzeko». Nairobik joan den uztailean proposatu zuen bere burua balizko talde horren buru izateko, eta hitzeman zuen mila polizia bidaliko zituela Haitira; horrek zenbait GKE gobernuz kanpoko erakunderen kritikak eragin zituen, Kenyan bertan manifestarien kontra indarkeria erabiltzen dutela argudiatuta. Nazioarteko potentziarik ez Aldiz, oraingoz bada ere, nazioarteko herrialde esanguratsuetako inork ez du agenterik bidaliko; Frantzia eta Kanada, esaterako, hori egiteko prest agertu dira, baina oraindik ez dute pausorik eman. Eta Brasilek eta Mexikok, adibidez, biek ala biek esana dute poliziak entrenatzeaz arduratuko direla, eta ez direla harago joango. AEBek —haiek aurkeztu zuen ebazpena NBEren Segurtasun Kontseiluan, Ekuadorrekin batera— 94,5 milioi euroko bi laguntza bidaliko ditu MSS finantzatzeko, betiere Kongresuaren baimena jasotzen badu. Hori da Etxe Zuriaren asmoa. Hamahiru urte eta erdiren ondoren, nazioarteko azken misioa, Minustah Haitin Egoera Egonkortzeko Nazio Batuen Misioa izenekoa, 2017an erretiratu zuten herrialde horretatik, eskandalu batengatik: talde horretako kideen ur isurketa batek kolera agerraldi bat eragin zuen, eta 7.000 lagun baino gehiago hil ziren. Horren aurretik, Minustahko kideen kontrako sexu abusuen salaketak izan ziren, eta, 2018an, zenbait GKEk aitortu egin zuten beren lantaldeetan sexu abusuak eta esplotazio kasuak izan zirela.
2023-10-3
https://www.berria.eus/albisteak/233537/armeniak-egotzi-dio-nberi-azerbaijanen-laquogarbiketa-etnikoa-legeztatzearaquo.htm
Mundua
Armeniak egotzi dio NBEri Azerbaijanen «garbiketa etnikoa legeztatzea»
Nazio Batuen Erakundearen misio batek adierazi du Karabakh Garaian ez duela detektatu herritarren kontrako indarkeriarik. Nazioarteko Zigor Auzitegiaren jurisdikziopean egotea onartu du Armeniako Parlamentuak
Armeniak egotzi dio NBEri Azerbaijanen «garbiketa etnikoa legeztatzea». Nazio Batuen Erakundearen misio batek adierazi du Karabakh Garaian ez duela detektatu herritarren kontrako indarkeriarik. Nazioarteko Zigor Auzitegiaren jurisdikziopean egotea onartu du Armeniako Parlamentuak
NBE Nazio Batuen Erakundearen misio bat Karabakh Garaian egon da azken egunetan, eta Azerbaijanen «garbiketa etnikoa legeztatzea» leporatu dio Armeniak. Hori nabarmendu du Azerbaijanekin negoziatzeko herrialdeak izendatu duen enbaxadoreak, Edmon Marukianek, X sare sozialean. Egindako bisitari buruzko ohar bat kaleratu zuen NBEk atzo, eta plazaratu ez duela detektatu ez herritarren kontrako indarkeriarik, ez azpiegitura zibilen kontrako kalterik. Marukianen esanetan, NBEren misio horretako kideek «galarazi» egiten dute «instituzioaren izen ona». Erakundeak Azerbaijanen daukan koordinatzaile Vladanka Andreeva eta OCHA Gai Humanitarioak Koordinatzeko Nazio Batuen Bulegoko goi funtzionario Ramesh Rajasingham izan dira misio horretako buruak, eta eskatu dute, besteak beste, ahaleginak egiteko han geratuko diren armeniarren eskubideak babesteko. «NBEk ordezkari horien lanari buruzko ikerketa bat egitea espero dut». Ikusi gehiago: Errepublika desegiteko dekretua sinatu dute Karabakh Garaiko agintariek Misioak azaldu du «tokiko oso herritar gutxi» ikusi dituztela; «gurekin hitz egin zutenek adierazi zigutenez, 50 eta 1.000 artean oraindik han dauden armeniarrak». Armeniako iturri ofizialek esan dute irailaren 24tik 100.000 bat armeniar iritsi direla herrialdera Karabakh Garaitik. 1991tik izan da Azerbaijan barruko errepublika independente bat de facto —nahiz eta nazioarteak ez duen aitortu—, eta, datu ofizialen arabera, 120.000 herritar inguru bizi ziren han; horien %99, armeniarrak. Baina, bere nagusitasun militarra baliatuta, Azerbaijanek bonbardatu egin zuen irailaren 19an, eta erasoaldia eteteko hurrengo egunean jarri zituen baldintzetako bat izan zen independentzia eta errepublika aldarrikapena bertan behera uztea. Ikusi gehiago: Azerbaijanek «terrorismoaren aurkako» operazio militar bat hasi du Karabakh Garaian Etzi, bilera Azerbaijanek adierazi du ez duela han geratzeko asmoa duten armeniarren kontra egingo, baina Erevanek uste du jada «garbiketa etniko bat» egiten ari dela Baku. Horren harira, NBEri iruditzen zaio «zaila» dela esatea ea armeniarrak hara itzuli ahal izango diren. «Gauza bat argi dago: konfiantza eraikitzeko beharra dagoela, eta horretarako denbora beharko dela, baita alde guztiek ahaleginak egitea ere». Azerbaijan eta Armenia haien arteko etorkizuneko harremana nolakoa izango den definitzen hasi dira, eta, hori egiten jarraitzeko, Ilham Aliyev Azerbaijango presidentea eta Nikol Paxinian Armeniako presidentea Granadan (Espainia) biltzekoak dira etzi. Bestalde, Armeniako Parlamentuak Erromako Estatutua onartu du gaur, eta horrek esan nahi du NZA Nazioarteko Zigor Auzitegiaren jurisdikziopean egongo dela aurrerantzean. Ganberako presidente Alen Simonianek jakinarazi du hirurogei parlamentarik alde bozkatu dutela, eta 22k kontra. Oposizioak ez du debatean parte hartu nahi izan, iritzita «konstituzioaren kontrakoa» dela. Eta erabaki horren ondorioz, esaterako, Vladimir Putin Errusiako presidenteak atxilotua izan beharko luke Armeniara joanez gero. Izan ere, Kremlineko burua atxilotzeko agindua emanda dauka Hagak, gerra krimenak egotzita, eta auzitegi horretako estatu kideek aginduak betetzeko obligazioa dute. Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovek joan den ostiralean ohartarazi zuen Armeniak «etsaikeria» plazaratuko lukeela estatutua berretsita. Erevanek, baina, Errusia lasaitu nahi izan du, eta nabarmendu ez duela Putin atxilotuko. Auzi juridikoetarako Armeniaren ordezkari Yeghise Kirakosianek joan den astean azaldu zuenez, Moskuri alternatiba bat planteatu diote, eta, haren arabera, NZAko kide bihurtu arren, Putin ez zatekeen Armenian atxilotua izateko arriskuan egongo. Nolanahi ere, azken hilabeteetan gaiztotu egin dira bi herrialdeen arteko harremanak. Errusiak estutu egin ditu Azerbaijanekin dituen loturak, Ukrainako gerrak eragindako testuinguru sozioekonomikoak bultzatuta. Orduan, nahiz eta beti izan den Errusiaren orbitako herrialde bat, Armeniak AEBen babesa bilatu du, eta duela hiru aste maniobra militarrak egin zituzten elkarrekin.
2023-10-3
https://www.berria.eus/albisteak/233538/metak-asmoa-du-instagram-eta-facebook-ordainpeko-egiteko-europako-batasunean.htm
Ekonomia
Metak asmoa du Instagram eta Facebook ordainpeko egiteko Europako Batasunean
Informazio pertsonalean oinarritutako publizitatea ez jasotzearen truke hamahiru eurotik gora ordaintzera behartu nahi dituzte erabiltzaileak.
Metak asmoa du Instagram eta Facebook ordainpeko egiteko Europako Batasunean. Informazio pertsonalean oinarritutako publizitatea ez jasotzearen truke hamahiru eurotik gora ordaintzera behartu nahi dituzte erabiltzaileak.
Instagram, Facebook eta bestelako sare sozialak erabiltzaileak irabaziz doazen heinean, plataformetako publizitatearen kopuruak ere gora egin du. Aplikazio horiek betidanik izan dira doakoak, eta hein batean horrek erakarri du jendea, aurrerapen handia izan baita musu truk beste batzuekin etengabe konektatuta egotea. Bada, Meta taldearen aplikazioak jendeari ordainarazteko prestatzen ari dira Europako Batasunean, betiere publizitate pertsonalizaturik ez jasotzearen truke. The Wall Street Journal AEB Ameriketako Estatu Batuetako hedabideak aurreratu zuen informazioa, eta Financial Times-ek berretsi egin du gaur, konpainiako iturriak aipatuz. Haren arabera, erabiltzaileek hilabetean hamalau dolar ordaindu beharko dituzte zerbitzu horrengatik; hamahiru euro pasatxo. Sakelakoetan bakarrik ez, ordenagailuetan ere erabili eta kudea daitezke Instagram eta Facebook, batera gainera, eta hor publizitaterik ez izatearen truke hamazazpi dolar ordaindu beharko dira: 16,2 euro egun. Sare sozialen diru iturria Sare sozialek doakoak badirudite ere, hori ez da guztiz egia. Izan ere, teknologia enpresa handiek kudeatzen dituzte Whatsapp, Twitter, Facebook, Instagram eta antzekoak, eta dirua irabaztea da haien xedea. Publizitate pertsonalizatua da aplikazio horien diru iturri nagusia. Metaren arabera, 2023ko bigarren hiruhilekoan 32.000 milioi dolarren (30.500 milioi euro) diru sarrerak izan zituen; horietako 31.500 milioi, publizitateagatik. Europako Batasunean 7.200 milioi dolar fakturatu zituen; Ipar Amerikaren ostean, merkaturik handiena da. Aplikazio horiek kudeatzen dituzten enpresek erabiltzaileen milaka milioi datu pertsonal dituzte sortu zirenetik, eta beste enpresa eta erakundeei saltzen dizkiete. Hala, horiek pertsonalizatutako publizitatea egiten diete erabiltzaileei sare sozial horietan. Baina datu horiek ez dira publizitatea egiteko soilik saltzen. Facebookek hainbat polemika eta epaiketa izan ditu, lehiakideei kalte egiteagatik eta AEBetako 2016ko hauteskundeetan Cambridge Analyticari hautesleen datuak emateagatik. Horregatik, 5.000 milioi dolarreko zigorra jarri zion Facebooki AEBetako Merkataritza Batzorde Federalak. Brusela vs Meta Europako Batasunak AEBetako teknologia enpresa handiekin duen guda ez da berria. Metak uztailean epaiketa bat galdu zuen Europako Batasuneko Justizia Auzitegian, Luxenburgon, epaileek ebatzi baitzuten enpresak ezin duela justifikatu publizitate pertsonalizatua egiteko datu pertsonalen erabilera, eta ordainpeko zerbitzu bat eskaintzea gomendatu zion. Azaroaren amaierara arte dauka Metak erabaki bat hartzeko tartea.
2023-10-3
https://www.berria.eus/albisteak/233539/euskal-eskola-publikoaren-aldeko-manifestaziora-deitu-dute-hilaren-29rako-donostian.htm
Gizartea
Euskal eskola publikoaren aldeko manifestaziora deitu dute hilaren 29rako, Donostian
Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak salatu du EAEko Hezkuntza Lege proiektua «pribatizatzailea» dela, eta haren auka mobilizatzera deitu du.
Euskal eskola publikoaren aldeko manifestaziora deitu dute hilaren 29rako, Donostian. Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak salatu du EAEko Hezkuntza Lege proiektua «pribatizatzailea» dela, eta haren auka mobilizatzera deitu du.
Euskal Eskola Publikoaz Harro plataforma ez dator bat Eusko Legebiltzarra tramitatzen ari den Hezkuntza Lege proiektuarekin; iritzi dio sistema duala «betikotzen» duela eta ez duela eskola publikoa lehenesten. Plataforma maiz agertu da lege egitasmoaren aurka, eta gaur jarrera bera berretsi du legebiltzarraren parean egindako agerraldian. «Erabat aurka gaude», azaldu dute plataformako kideek. Mobilizaziorako deia ere egin dute: hilaren 29rako manifestazio batera deitu dute, Donostian,12:30ean, Bulebarretik hasita. Ikusi gehiago: EAJk eta PSEk akordioa egin dute Hezkuntza Legearen inguruan Euskal eskola publikoaren alde, hezkuntza lege honi ez! lelopean deitu dute manifestaziora. Hautatu duten leloak ongi laburbiltzen du plataformak Hezkuntza Lege proiektuaren inguruan duen kezka. Uste du egitasmoa «pribatizatzailea» dela, eta ez duela konponduko hezkuntza sistema duala. Are, sistema bera «betikotu» egingo duela salatu du, eta ondorioz, baita ikasleen segregazioa ere. Plataformako kideek jakinarazi dutenez, dekalogo batean jaso dituzte hezkuntza sistema «hobetzeko» dituzten aldarrikapenak, eta datozen asteetan bideo batean zabalduko dute euren proposamena hezkuntza komunitatean eta gizartean. Talde politikoei, berriz, zera eskatu diete: Hezkuntza Legeari ezezkoa eman diezaioten, eta euskal eskola publikoa lehenetsi dezaten. «Eufemismo tranpatia» Hezkuntza lege proiektuaren aurka dituzten argudioak gogoratu dituzte agerraldian. Batetik, iritzi diote testuak jasotzen duen Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa «eufemismo tranpati eta interesatua» dela, titulartasun publikoko eta pribatuko ikastetxeak berdintzen dituelako. Ikastetxe pribatuen finantziazioari dagokionez, salatu dute «%100ekoa» izango dutela, «trukean inolako baldintzarik eskatu gabe». Finean, salatu dute lege proiektuak ez duela eskola publikoa lehenesten, eta, haien ustez, testuak «protagonismoa» aitortzen dion arren, praktikan publikoa «merkatuaren logikan» sartzen du. Gainera, plataformak iritzi dio lege proiektuak euskararen erabileraz eta ezagutzaz proposatzen duena ez dela aski, ez baitu balio ikasleak euskalduntzeko. Segregazioari aurre egiteko proposatzen dituen neurriei gabeziak sumatzen dizkio: «Ituntze unibertsala mantentzen duen heinean, segregazioa betikotuko du».
2023-10-3
https://www.berria.eus/albisteak/233540/elektroien-dinamikak-ikertzeko-metodo-batek-jaso-du-fisikako-nobel-saria.htm
Gizartea
Elektroien dinamikak ikertzeko metodo batek jaso du Fisikako Nobel saria
Pierre Agostini, Ferenc Krausz eta Anne L'Huillier saritu ditu Zientzien Suediako Errege Akademiak. Oso gutxi irauten duten argi pultsuak erabili dituzte elektroiak ikertzeko.
Elektroien dinamikak ikertzeko metodo batek jaso du Fisikako Nobel saria. Pierre Agostini, Ferenc Krausz eta Anne L'Huillier saritu ditu Zientzien Suediako Errege Akademiak. Oso gutxi irauten duten argi pultsuak erabili dituzte elektroiak ikertzeko.
Zientzien Suediako Errege Akademiak Fisikako Nobel saria eman die gaur Pierre Agostini, Ferenc Krauszk eta Anne L'Huillier ikerlariei. Atomoen eta molekulen barruko elektroiak ikertzeko «tresna berriak» sortu dituzte. Horien mugimendua eta energia aldaketak atzemateko metodo esperimental bat garatu dute: attosegundoak —segundo baten trilioirena— irauten duten argi pultsuak erabili dituzte. Prozesu horiek denbora eskala oso txikian gertatzen dira, eta, metodo horren bidez, prozesuen irudiak lor daitezke. «Saridunen ekarpenei esker, lehen jarraitu ezinezkoak ziren prozesu azkarrak ikertu ahal izan dira», esan du Akademiak. «Attosegundoen fisikak» aukera emango du elektroiek gidatzen dituzten mekanismoak ulertzeko. Elektronikan eta medikuntzan erabilgarria izan daiteke, Eva Olsson Fisikako Nobel sariaren kontseiluko presidenteak azaldu duenez. 1987an, L'Huiller ohartu zen argia sortzen zela gas nobleei laser infragorria eman ostean. Horrek atea ireki zien hurrengo aurkikuntzei. 2001ean, Agostinik lortu zuen 205 attosegundo irauten zuen argi pultsu bat sortzea; Krauszek, berriz, 650 attosegundukoa. Pierre Agostini Ohioko Unibertsitateko irakasle emeritua da (AEB); Ferenc Krausz Optika Kuantikoko Max Planck Institutuko zuzendaria da, Alemanian; eta Anne L'Huillier, bestalde, Suediako Lund Unibertsitateko irakaslea da. L'Huillier Fisikako Nobel saria irabazi duen bosgarren andrezkoa da. Marie Curie izan zen lehena, erradiazioa ikertzeagatik (1903); Maria Goeppert Mayer bigarrena, atomoen nukleoa deskribatzeagatik (1963); Donna Strickland hirugarrena, intentsitate handiko laser bat sortzeko teknika garatzeagatik; eta Andrea Ghez laugarrena, Esne Bidearen erdian zulo beltz bat aurkitzeagatik (2020).
2023-10-3
https://www.berria.eus/albisteak/233541/zaldibarko-zabortegia-behin-behinean-zigilatzea-ere-bere-gain-hartuko-du-jaurlaritzak.htm
Gizartea
Zaldibarko zabortegia behin-behinean zigilatzea ere bere gain hartuko du Jaurlaritzak
Enpresaren utzikeria salatu du Arantxa Tapia sailburuak, eta zigor espedientea irekiko dio. Lanek 750.000 euroko kostua izango dute, eta «bospasei» urterako konponbidea izango da.
Zaldibarko zabortegia behin-behinean zigilatzea ere bere gain hartuko du Jaurlaritzak. Enpresaren utzikeria salatu du Arantxa Tapia sailburuak, eta zigor espedientea irekiko dio. Lanek 750.000 euroko kostua izango dute, eta «bospasei» urterako konponbidea izango da.
Eusko Jaurlaritzak Zaldibarko zabortegiaren behin-behineko zigilatze lanak hasiko ditu. Iragan ekainean eskaturiko azpiegituraren egonkortasun ikerketak azaleratu du enpresak ez duela beste pausorik eman, eta ondorioz zabortegiaren oreka ez dagoela bermatuta. Gauzak hala, Jaurlaritzak bere gain hartuko ditu egin beharreko mantenu lanak, bi fasetan: lehenbizi, lurrak konpaktatuz, eta, ondoren, lamina iragazgaitz bat jarriz. Lanek 750.000 euroko kostua izango dute, eta «bost edo sei» urterako konponbidea bermatuko duela iragarri du Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen sailburuak. «Enpresak ez du bere lana egin, eta horregatik hartu behar izan du ardura Jaurlaritzak», adierazi du Tapiak. Salatu du egun Verter Recyclingen gaineko kontrola duen konkurtso administratzaileak ez dituela hasi mantenu, zigilatze edota iragazpen lanak. Azaldu du azpiegiturak ez duela laster amiltzeko arriskurik, baina zigilatu ez eta euri ura sartzen jarraituko balu orduan handituko litzatekeela. Obren xehetasunekin batera, iragarri du beste zigor txosten bat irekiko dutela enpresaren ordezkarien aurka. Lan berriek bi fase izango dituzte. Lehenbizi, goiko lurrak konpaktatuko dituzte, eta, gero, geruza iragazgaitz bat jarriko diote. Obrek 750.000 euro inguruko kostua izango dute, eta bospasei urterako konponbidea lirateke. «Beste zabortegi askotan probaturiko konponbidea da, berme osokoa», zehaztu du sailburuak. Era berean, garbi utzi du ez dela behin betiko zigilatze bat, eta «azpiegituraren egungo egoera ez dela bideragarria». Hala ere, ez du behin betiko zigilatzearen inguruko argibiderik eman. EH Bildu: «Berandu da» EH Bilduren ustez, Zaldibarko behin-behineko zigilatzea «berandu» iritsi da, eta Jaurlaritzari egotzi dio hiru hilabete «alferrik galdu» izana. Koalizio abertzaleak lanei ekiteko eskatu zion ekainean, azterketa geoteknikoaren emaitzen berri izan bezain laster. Mikel Otero legebiltzarkideak kritika oso gogorra egin dio Ingurumen Sailari: «Horixe eskatu genion, eta ezezko borobila jaso genuen; EAJk eta PSEk garrantzia kendu zioten gaiari, eta alarma sortzea egotzi ziguten gainera. Azkenean, hiru hilabete pasatu ostean, guk proposatzen genuena egin zuten». EH Bilduk gogoratu du txostenaren arabera zabortegia «arrisku handiko» egoeran dagoela, eta Jaurlaritzari esan dio «premiazkoa» dela estaldura bat jartzea eta behin betiko zigilatze lanak ahalik eta lasterrena hastea. Tapiak, berriz, ez du zabortegiaren behin betiko zigilatzearen inguruko argibiderik eman. Lan horiek garestiagoak lirateke; bere garaian, Verter Recyclingek zortzi milioi euroren funtsa zuen gordea lan horietarako. Behin betiko zigilatzea izango da auziak izango dituen beste korapiloetako bat. Tapiaren adierazpenek ulertarazten dute Jaurlaritza itxaroteko prest dagoela, baina jakina da enpresa hondoa jota dagoela eta ez duela dirurik. Udaberrian orubea trukean ematea eskaini zuen, baina Jaurlaritzak eskaturiko txosten batek ondorioztatu zuen ezin dela ezer eraiki haren gainean. Lanak, bigarrenez Ez da Jaurlaritzak Zaldibarko zabortegian egin beharreko lanak bere gain hartzen dituen lehen aldia. 2020ko otsailean, hondamendia gertatu eta egun gutxira, gobernuak bere gain hartu zuen azpiegitura osoa egonkortzeko lana. Ordukoan, enpresak jakinarazi zion ezin zituela lan horiek egin, eta, ondorioz, erakunde publikoa subsidiarioki bere gain hartzera behartuta zegoen. 30 milioi euro inguruko lanak izan ziren, eta enpresak oraindik ez ditu ordaindu. Ingurumen delituaren inguruko epaiketan argituko da nork ordaindu beharko duen. Egun instrukzio fasean dago; Durangoko epaitegiko epaileak hainbatetan luzatu du, eta ezin da jakin noiz egingo den epaiketa. Egun, hamarretik gora dira inputatuak; Verter Recyclingeko ordezkariez gain, epaileak Ingurumen Saileko hiru teknikari eta Geyser HPC ingeniaritza enpresako bost langile ikertu ditu.
2023-10-3
https://www.berria.eus/albisteak/233542/jose-mari-rementeria-ohorezko-euskaltzaina-hil-da.htm
Gizartea
Jose Mari Rementeria ohorezko euskaltzaina hil da
83 urterekin hil da. Euskarazko testuak bilatzen eta argitaratzen «langile nekaezina» izan dela nabarmendu du Andres Urrutia euskaltzainburuak.
Jose Mari Rementeria ohorezko euskaltzaina hil da. 83 urterekin hil da. Euskarazko testuak bilatzen eta argitaratzen «langile nekaezina» izan dela nabarmendu du Andres Urrutia euskaltzainburuak.
Jose Mari Rementeria euskaltzaina hil da, 83 urte zituela. Etxeberrian (Bizkaia) jaio zen, 1940.urtean. Arteagako eta Derioko (Bizkaia) seminarioetan apaiz ikasketak egin ostean, Teologian eta Katekesian diplomatu zen Salamancako Eliz Unibertsitatean (Espainia). Bizitza osoa eman zuen elizari eta euskarari lotua. Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain izendatu zuen 2018ko apirilaren 27an, beste hamabost lagunekin batera, tartean Arantxa Urretabizkaia, Pello Zabala eta Txaro Arteaga. «Euskarari egindako mesede bikainengatik» izendatu zituzten ohorezko euskaltzain. Idazle eta itzultzaile gisa lan eskerga egin zuen. Euskaltzaindiak ohar bidez jakinarazi duenez, nabarmentzekoak dira itzultzaile gisa egindako lanak, eta, bereziki, Elizen Arteko Biblia proiektuko itzultzaile taldeko kide gisa egindakoa. Beste hainbat lan «garrantzitsu» argitaratu zituen. Horietako bat izan zen Euskarazko dotrinak: Kristau Katekesia Trentoko Kontziliaziotik Vatikanoko II.Kontziliora (1545-1962). Labayru fundazioak argitaratu zuen ikerlana, BBK fundazioaren laguntzaz. Euskaltzaindiak nabarmendu du ikerlan «argigarria» izan zela. Rementeriak euskararen alde egindako lana goratu du Andres Urrutia euskaltzainburuak: «Langile nekaezina izan da euskarazko testuak bilatzen eta argitaratzen. Euskaltzale sutsua izan da, eta ondare ederra utzi digu». Bihar egingo dituzte haren omenezko hileta elizkizunak, Ondarroako (Bizkaia) parrokian, 19:00etan.
2023-10-9
https://www.berria.eus/albisteak/233543/adimen-artifizialaren-erronka-berrietan-euskararen-presentzia-bermatzeko-gaitu-izeneko-ekimenean-parte-hartu-du-nafarroak.htm
albisteak
Adimen artifizialaren erronka berrietan euskararen presentzia bermatzeko Gaitu izeneko ekimenean parte hartu du Nafarroak
Euskarabideak gaitu.eus atarian bere ahotsa grabatzera animatzen ditu herritarrak, makinei euskara irakasteko
Adimen artifizialaren erronka berrietan euskararen presentzia bermatzeko Gaitu izeneko ekimenean parte hartu du Nafarroak. Euskarabideak gaitu.eus atarian bere ahotsa grabatzera animatzen ditu herritarrak, makinei euskara irakasteko
Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak («Hiruko Ituna» osatzen duten erakundeak) Gaitu izeneko kanpaina jarri dute abian, ahozko datu masa handia behar duten makina eta teknologia berriei euskara irakasteko, hizkuntza gutxituek ere esparru horietan beren tokia bermatuta izan dezaten, egunero erabili ahal izateko. Batu ditzagun gure ahotsak/Unamos nuestras voces lelopean, euskal hiztunei gaitu.eus atarian sartzeko eskatzen zaie, beren ahotsa grabatuz, euskal hizkuntza eta kultura garatzen laguntzeko. Zenbat eta ahots eta grabazio gehiago, orduan eta zabalagoa izango da teknologia berriek erabili ahal izango duten datu basea. Egungo teknologiek testu eta ahozko datu masa handiak eskatzen dituzte, eta beharrezkoa da euskararen presentzia eremu digital horretan ere bermatzea, ideiaren sustatzaile guztiek nabarmendu dutenez. Gaitu kanpainaren helburua euskarazko ahots publikoen banku bat sortzea da. Euskararen egungo erronketako bat adimen artifiziala gaitzea da, euskaldunek makinekin beren hizkuntzan elkarreragiteko aukera izan dezaten. Dagoeneko badaude herritarrekin hizkuntza nagusietan erlazionatzen diren makinak. Giza ahotsa ulertzen duten ezagunenetako batzuk aipatzearren: Alexa, Googlen Assistant, Siri edo Cortana. Eta hori posible da makinei hizkuntza horiek ulertzen irakatsi eta entrenatu egin zaielako. Gainera, makinekin elkarreragitea gero eta ohikoagoa da; udaletxera edo osasun etxera informazioa edo hitzordua eskatzeko deituta edo aseguru etxean parte bat emateko hots eginda makinekin hitz egin behar izaten dugu. Makinak horiek hizkuntza nagusiak ulertzeko trebatu dira, eta entrenamendu horretarako ahots banku handiak behar izan dira. Horiei esker ikasi dute makinek giza ahotsa ezagutzen. Makinek euskaldunek nola hitz egiten duten ikas dezaten eta euskara ulertzeko gai izan daitezen, ahots asko eta askotarikoa behar dituzte. Horixe da, hain zuzen ere, ahots banku publiko bat, eta ezinbestekoa da euskarazko aplikazioak garatu nahi dituzten teknologia enpresek sarbidea izan dezaten, hizkuntza nagusietan gertatzen den moduan. Helburua ahots asko eta oso ezberdinak lortzea da. Izan ere, lortzen diren ahotsak zenbat eta desberdinagoak izan, orduan eta hobeki ulertuko dute euskara makinek. «Ziber auzolan» erraldoi honetan parte hartzeko, gaitu.eus atarian sartu behar da. Bertan, plataformak esaldiak eskainiko dizkie erabiltzaileei, haien ahotsarekin grabatu ditzaten. Plataforma adin nagusikoei zuzenduta dago eta zenbat eta ahots gehiago lortu, orduan eta hobeto. Egitasmoa hau Common Voice nazioarteko egitasmoari esker abiatu da. Ekimen irekia da, irabazi asmorik gabekoa, elkarlanekoa. Common Voiceren ahots ekarpenak 105 hizkuntzatan egiten hasi dira eta ia beste horrenbeste hizkuntzatan prestatzen ari dira.
2023-10-3
https://www.berria.eus/albisteak/233544/itxaso-soto-izango-da-geroa-baiko-parlamentari-barkosen-ordez.htm
Politika
Itxaso Soto izango da Geroa Baiko parlamentari, Barkosen ordez
«Erantzukizunez» hartu du kargua Nafarroako Parlamentuan, eguerdian. Koalizioak Pablo Azkona izendatu du bozeramaile izateko.
Itxaso Soto izango da Geroa Baiko parlamentari, Barkosen ordez. «Erantzukizunez» hartu du kargua Nafarroako Parlamentuan, eguerdian. Koalizioak Pablo Azkona izendatu du bozeramaile izateko.
«Ezinezkoa izango da Uxue Barkos ordezkatzea». Barkos Nafarroako senatari autonomiko izendatua izan ostean, Itxaso Soto Diaz de Ceriori egokitu zaio hark Nafarroako Parlamentuan utzitako hutsunea betetzea. Geroa Bai taldeko zazpigarren parlamentaria izango da. Pablo Azkona izango da taldeko eledun, eta Maria Solana, berriz, alboko eleduna. Kargu-hartze ekitaldia xumea bezain laburra izan da. Hiru minutu iraun du, eta talde guztietako ordezkariak elkartu dira areto instituzionalean. Unai Hualde Parlamentuko lehendakariak zuzendu du ekitaldia, mahaiko beste lau ordezkariek lagundurik. Ikusi gehiago: Uxue Barkos hautatu dute senatari autonomiko Euskaraz zein gazteleraz egin du zin, hitzok adierazita. «Hitzematen dut foru araubidea beti errespetatuko dudala, Konstituzioari eta legeei men egingo diedala eta foru parlamentari karguari dagozkion eginbeharrak zintzo beteko ditudala». Itxaso Soto Iruñean jaio zen, 1990ean, eta Zizur Nagusian bizi da. Pedagogia ikasketak eginak ditu, baina azken urteetan enpresa munduan aritu da giza baliabideen atalean. Hain zuzen, masterra eskuratua du giza baliabideen zuzendaritzari eta lan arriskuen prebentzioari dagokienez. Geroa Sozialberdeak alderdiak proposatuta, hamargarren postuan aurkeztu zen Geroa Bairen foru hauteskundeetako zerrendan. Haren aurretik, bederatzigarren postuan Rafa Eraso zegoen, baina arrazoi pertsonalen ondorioz uko egin dio parlamentari izateari. Lehen aldiz arretagunean egotearen ondorioz apur bat urduri sumatu bazaio ere, ilusioz hartu du kargua: «Gogo handiz hartzen dut, eta lan egiten hasteko irrikan nago. Erantzukizun handia da», onartu du Sotok. Ohoretzat hartu du Barkosen lekukoa hartzea. «Parlamentari itzela da. Hark bezala lan egitea espero dut». Euskara ikasten ari da. Beste lau aldaketa Sotoren izendapenarekin, ematen du amaitu direla legealdi hasierako mugimenduak. Izan ere, Barkosen aurretik, beste lau parlamentarik utzi zuten ganbera, eta gobernura joan. Adibidez, Geroa Baiko Javi Arakama Euskarabideko zuzendari izendatu zuten; Begoña Alfaro Zurekin Nafarroako zerrendaburua Gobernuko hirugarren presidenteorde da, baita Etxebizitza kontseilari ere. PSNri dagokionez, Jorge Agirre Nafarroako Kirol Institutuko zuzendari da, eta Jesus Mari Rodriguez, Tokiko Administrazioko eta Despopulazioko zuzendari. Haiek utzitako tokia beste lau parlamentarik bete zuten irailaren 8an. Geroa Baiko zerrendatan zortzigarren zihoanak, Isabel Aranburuk, hartu zuen Arakamaren lekukoa —aurreko legealdian parlamentari izan zen—. Gainerakoak berriak dira. Miguel Garrido izango da Zurekin Nafarroako hirugarren parlamentaria, eta Carlos Menak eta Ibai Crespok osatuko dute PSNren taldea.
2023-10-10
https://www.berria.eus/albisteak/233545/nahi-duzun-munduan-pentsatuz-inbertitu.htm
albisteak
Nahi duzun munduan pentsatuz inbertitu
Aurrezkiak inbertitzerakoan, irizpide ugari izan beharko dituzu kontuan. LABORAL Kutxa inbertsio-funtsekin, gainera, inbertsio arduratsua egiten ari zarela jakinik inbertitu ahal izango duzu.
Nahi duzun munduan pentsatuz inbertitu. Aurrezkiak inbertitzerakoan, irizpide ugari izan beharko dituzu kontuan. LABORAL Kutxa inbertsio-funtsekin, gainera, inbertsio arduratsua egiten ari zarela jakinik inbertitu ahal izango duzu.
Normalean, inbertsio-profilez hitz egiten da funtsetan inbertitzerakoan: kontserbadoreagoa, ez hain kontserbadorea… Ez da aintzat hartzen beste inbertitzaile-profil hori; alegia, aurrezkietan eta inbertitzeko moduan ez ezik, inguruan duen munduan ere pentsatzen duenarena. LABORAL Kutxa inbertsio-funtsek kontuan hartzen dute profil hori. Izan ere, haiekin, ingurunearekiko inbertsio arduratsua ere egin daiteke. Eta nola egiten dute hori? Bada, IGG irizpideak (ingurumena, gizartea eta gobernantza ona) aintzat hartuta inbertitzearen bidez. LABORAL Kutxa inbertsio-funtsek IGG (ingurumena, gizartea eta gobernantza ona) irizpideez inbertitzen dute. Gainera, LABORAL Kutxako gestoreen aholkularitza espezializatuari esker, pertsona bakoitzaren inbertitzaile-profila eta jasangarritasunaren alorreko lehentasunak zehazten dira.
2023-10-3
https://www.berria.eus/albisteak/233546/ikasle-elbarrien-laguntzaileek-greba-egin-dute-baionan.htm
Gizartea
Ikasle elbarrien laguntzaileek greba egin dute Baionan
Pobrezia mailaren azpitik bizi dira laguntzaileak, hilabetean 900 bat eurorekin. Beren lan baldintza prekarioek laguntzen dituzten haurrei eragiten dietela salatu dute.
Ikasle elbarrien laguntzaileek greba egin dute Baionan. Pobrezia mailaren azpitik bizi dira laguntzaileak, hilabetean 900 bat eurorekin. Beren lan baldintza prekarioek laguntzen dituzten haurrei eragiten dietela salatu dute.
Akademia Ikuskaritzak Baionan duen egoitzan elkartu dira eguerdian elbarriak diren ikasleen laguntzaileak, FSU-Snuipp eta FO sindikatuek grebarako eguna deitu ondoan. Dozena bat laguntzaile bildu dira; «guti» antolatzaileen arabera, baina salatu dute lan baldintza oso txarrak dituztela, eta greba egitea «zaila» zaiela. Izan ere, laguntzaileak ikasgeletan egoten dira ikasle elbarriak jarduera desberdinak egitera bideratzeko, ama eskolatik goi mailako ikasketetaraino. Eskola ordutegietan baizik ez dute lan egiten, eta, horren ondorioz, «lanaldi partzialak» egitera «behartuak» egotea deitoratu dute. Prestaketa lan guzia, gainera, ez da kontuan hartua lan kontratuan. Horiek horrela, pobrezia mailaren azpitik bizi dira, hilabetean 900 bat euroko lansaria baitute. Margaux Declerq Baionako Albert Camus kolegioan laguntzailea da, eta lau ikaslez arduratzen da. Lehen aldiz, greba egin du egun, «leporaino» delako. «Azkenaldian gauza anitzek kexua eragin didate. Nik ahal bezain bat ordu egin nahi ditut lanean, baina behartua naiz %60ko lanaldia egitera. Eta, gainera, ez dut horren araberako lansaria izan, arazo administratibo batengatik». Kontatu du Gabriel Attal Frantziako Hezkuntza ministro berriak sari gehigarri bat hitzeman diela laguntzaileei, baina ez dela oraindik etorri. «Ez dut uste Hezkuntza Ministerioan postu garrantzitsuak dituztenek lansariekin arazo administratiborik dutenik. Gu beti gara galtzaileak». Egoera berean da Geraldine Baud, bera ere laguntzailea da, eta «lanbidearen etorkizunari begira kezka handia» duela erran du. Izan ere, Attalek proposatu du elbarria duten haur laguntzaileen eta zaintzaileen lanbideak bateratzea, eta postu bakarra sortzea bi lanbideak batuz. «Gure lanekiko ezezagutza eta mespretxu handia erakusten du horrek. Ez ditugu batere zeregin berak betetzen, ez da posible». Hark ere lansariarekin arazoak izan ditu: izan ere, lanaldia doi bat emendatu diote iaztik, baina irailean, iazko lansari bera ukan du, hots, ordu gutiago lan egin balitu bezala. Baudek eta Declercqek esplikatu dute, gainera, kontratupeko ordutegia baino ordu gehiago pasatzen dituztela lanean. Declercq: «Ikasleen inguruko profesionalekin eta gurasoekin koordinazio lana egiten dugu, gure ordutegiak kudeatzen ditugu, klaseak prestatzen ditugu: argiki, ordu gehigarri anitz egiten ditugu, urririk». Egoera horren aitzinean, FSU-Snuipp sindikatuak, laguntzaileen egoera hobetzeko, funtzionario estatusa ematea eskatu dio Frantziako Hezkuntza Ministerioari. Ezinbestean, hiru urteren ondotik, kontratu mugagabeak egiteko galdegin dute, eta lansariak «nabarmen» igotzea. Eskatu dute, era berean, zaintzaileen eta laguntzaileen lanbideen bateratzea bertan behera uzteko, eta jardunaldi osoko lanpostuak eskaintzeko.
2023-10-3
https://www.berria.eus/albisteak/233547/gasteizko-michelinek-esan-du-konfiantza-galdu-duela-bere-langileengan.htm
Ekonomia
Gasteizko Michelinek esan du «konfiantza galdu» duela bere langileengan
2.000 tona gurpil inguru fabrikatzeari utziko dio urtea amaitu bitarte. Langileek lantokien arteko batzordetik atera ala ez bozkatuko dute ostiralean.
Gasteizko Michelinek esan du «konfiantza galdu» duela bere langileengan. 2.000 tona gurpil inguru fabrikatzeari utziko dio urtea amaitu bitarte. Langileek lantokien arteko batzordetik atera ala ez bozkatuko dute ostiralean.
Gasteizko Michelinek ingeniaritza zibileko 2.000 tona gurpil inguru fabrikatzeari utziko dio urtea amaitu bitarte, eskaerak jaitsi egin direlako, baina baita multinazionalak lantegi horretako langileengan «konfiantza galdu» duelako ere, hitzarmenaren negoziazioan izandako gatazkengatik. Sindikatuetako iturriek Efe berri agentziari azaldu diotenez, Michelingo fabrika gehienetan gainprodukzioa dago, eta enpresako zuzendaritzak banaketa bat egin du murrizketa hori planten artean banatzeko; hala ere, ziur daude «konfiantza galtzeak» ere eragina izan duela Gasteizko lantegiaren kasuan. Horrekin batera, uste dute neurria «langileei beldurra sartzeko estrategia» bat dela. Izan ere, Gasteizko lantegiko langileek ostiral honetan eta datorren asteko astelehenean bozkatuko dute lantegien arteko batzordetik atera ala ez —Lasarte-Oriako lantegian (Gipuzkoa) hortik kanpo daude—. Ekainean, Gasteizko langileek hitzarmen berriaren aurka bozkatzea erabaki zuten, Espainiako lantegietan ez bezala. Sindikatuaren ustez, erabaki eta adierazpen horiekin enpresak langileen erabakia «baldintzatu» nahi du ostiraleko bozketari begira. Michelineko zuzendaritzak ez du ukatu sindikatuaren iritzi edo susmoa. Michelinek esan du langileen «konpromisoa lehenesten» duela, eta zuzendaritzaren «konfiantza galtzen» dutela «eredu horren alde egiten ez duten fabrikek». Enpresako zuzendaritzak astearte honetan jakinarazi dizkio langileen batzordeari lan txandetan egingo dituen aldaketak: gurpilak ekoizteari utziko diote asteburu guztietan, astearte honetatik abenduaren 6ko eta 8ko zubira bitarte, bi egun horiek barne. Murrizketa horrek 1.350 langile ingururi eragingo die —3.500 behargin ditu Gasteizko plantak—. Egoera berri horri buruz langileek jaso duten azalpena da horrelako gurpilen eskaerak jaitsi egin direla urte osoan eta bereziki udara ostean. Neurriak ingeniaritza zibileko gurpilei bakarrik eragingo die — adibidez, obretako eta meatzaritzako ibilgailuentzako gurpilei —, baina ez autoei.
2023-10-3
https://www.berria.eus/albisteak/233548/emakume-talde-batek-kalte-ordaina-eskatu-dio-danimarkari-antisorgailuak-gogoz-kontra-ezarri-zizkietelako.htm
Mundua
Emakume talde batek kalte ordaina eskatu dio Danimarkari, antisorgailuak gogoz kontra ezarri zizkietelako
Groenlandiako 67 emakume ari dira auzia bultzatzen. 1966tik 1970era, 4.500 emakumeri ezarri zieten UBG umetoki barneko gailua, haiei esan gabe edo haien gogoz kontra, populazioa handitu ez zedin.
Emakume talde batek kalte ordaina eskatu dio Danimarkari, antisorgailuak gogoz kontra ezarri zizkietelako. Groenlandiako 67 emakume ari dira auzia bultzatzen. 1966tik 1970era, 4.500 emakumeri ezarri zieten UBG umetoki barneko gailua, haiei esan gabe edo haien gogoz kontra, populazioa handitu ez zedin.
Beste auzi bat agerian uzten ari da egunotan Danimarkako Estatuak Groenlandiako jatorrizko biztanleen kontra eginiko gehiegikeriak. Uharteko 67 emakumek salaketa jarri diote Danimarkako Gobernuari, 1960ko eta 1970ko hamarkadetan uharte hartako milaka emakume antisorgailuak jartzera behartu zituztelako, edo esan gabe ezarri zizkietelako, populazio indigena handitu ez zedin. Batzorde bat ari da afera ikertzen, eta ondorioak plazaratu asmo ditu bi urte barru, baina emakume talde horrek orain nahi du kalte ordaina. Izan ere, askok 60, 70 edo 80 urte inguru dituzte, eta ez dute batzordearen txostenaren zain egon nahi. 26.000 euro eskatzen dituzte bakoitzarentzat, atzo Danimarkako Gobernuari bidalitako agirian. Izan ere, inork ez du zalantzan jartzen politika hori indarrean egon zenik. Kopenhageko Gobernuaren datu ofizialen arabera, 1966 eta 1970 artean 4.500 emakumeri ezarri zieten UBGa, haiei esan gabe edo haien gogoz kontra. UBGak umetokian sartzen dira, izenak adierazten duen bezala, eta haurdunaldia galarazten dute. Politika horren biktimetako asko oso gazteak ziren, batzuk 13 urtekoak. Egin dituzten kalkuluen arabera 1969. urterako, uhartean haurrak edukitzeko adinean zeuden emakumeen %35ek ezarrita zeukaten. Datu ofizialen arabera, gutxienez 1975. urtera arte jarraitu zuten gailuok ezartzen. Emakumeetako askok ez zuten jakin gailu bat sartu zietenik harik eta haurdun geratzeko tratamenduren bat jasotzen hasi ziren arte. Beste batzuk antzu utzi zituen prozedurak. Haur bahituak Ez litzateke harrigarria izango emakumeon salaketak arrakasta izatea, eta kalte ordaina jasotzea. Izan ere, aurrekari onak dituzte. Iazko martxoan, Mette Frederiksen Danimarkako lehen ministroak barkamena eskatu zien 2021eko urrian Kopenhageko Gobernua salatu zuten Groenlandiako sei inuiti, haiek haurrak zirela —1951. urtean— Groenlandiatik eraman zituztelako, «danimarkar txiki» gisa hezteko. Inuitek salatu zuten familia, hizkuntza eta kultura lapurtu zizkietela, asimilatzeko neurri horrekin. Afera ez zen auzitara heldu, Danimarkak adostu zuelako bakoitzari 34.000 euro ordaintzea, eta lehen ministroak haiei aurrez aurre barkamena eskatzea. Groenlandiako biztanleek euren hizkuntza, kultura eta nortasun nazionala daukate, baina uhartea Danimarkaren kolonia izan zen 1814. urtetik 1953ra, eta zuzenean gobernatu zuten Kopenhagetik. Tarte horretan, ahaleginak eta bi egin zituzten groenlandiarrak asimilatzeko, eta Danimarkako hizkuntzarekin ordezkatzeko haien mintzaira. Danimarkak esperimentu sozial bat egin zuen 1951. urtean: Groenlandiako 22 ume euren familietatik erauzi zituzten, eta Danimarkara eraman zituzten, han adopta eta hez zitzaten. Helburua inuitak «danimarkar bihurtzea» zen, eta, kulturalki asimilatu ostean, Groenlandiara itzultzea, besteentzat eredu izateko. 6 eta 8 urte arteko hamahiru mutil eta bederatzi neska sartu zituzten egitasmoan, familia pobrekoak. Azkenean, 22 haietatik bizirik jarraitzen zuten seik jaso dute ordaina. Inuitak Groenlandiako ia 58.000 biztanleen %89 dira. 1979. urtean, autonomia bihurtzearen alde bozkatu zuten groenlandiarrek. Iazko bozetan, independentistek botoen %80 eskuratu zituzten, eta IA Inuit Ataqatigiit (Inuit Komunitatea) alderdi sozialista eta ekologista izan zen alderdi nagusia.
2023-10-3
https://www.berria.eus/albisteak/233549/72-urteko-gizonezko-bat-hil-da-traktorearekin-izandako-istripuan.htm
Gizartea
72 urteko gizonezko bat hil da traktorearekin izandako istripuan
San Martin Unxen izan da ezbeharra, gaur eguerdian.
72 urteko gizonezko bat hil da traktorearekin izandako istripuan. San Martin Unxen izan da ezbeharra, gaur eguerdian.
Gizonezko bat hil da San Martin Unxen (Nafarroa), landa batean traktorearekin istripua izanda. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, SOS Nafarroak 14:00ak aldera izan du ezbeharraren berri, eta guardiako mediku talde bat, suhiltzaileak, anbulantzia bat eta Polizia bertaratu dira. 72 urteko gizonezkoa, ordea, larrialdi zerbitzuak iritsi aurretik hil da, traktorearen eta atoiaren artean harrapatuta.
2023-10-3
https://www.berria.eus/albisteak/233550/bizi-gaitezen.htm
Gizartea
Bizi gaitezen
Bizi gaitezen.
Nola diren gauzak: heriotza baten inguruan idatzi behar eta bizi da, behin eta berriro, burmuinera bezala bihotzera eta teklatuan lerrook osatzen ari diren hatz puntetara datorkidan hitza. Badirelako hiltzen direnean ere bizitza ekartzen diguten pertsonak —beharbada, hiltzen direnean bereziki—. Dudarik gabe, horien multzokoa da nire baitan Xabier Mendiguren Bereziartu. Izan ere, batzuen jardun eta ekarpen oparoa ezin da inola laburbildu bizitzak eransten duen dimentsiorik gabe. Ikastoletan, testuliburugintzan, itzulpengintzan, Kontseiluaren sortzaile eta aurreneko idazkari nagusi... Hil zaigula jakitean halaxe idatzi nuen sare sozialetan, euskarri horiek nahi eta nahi ez ezartzen dizkiguten hitz murriztuetan: «Euskaraz bizi ahal izateko bizitza bat euskararentzat». Bizi, bizitza. Hortxe, azken batean, Xabierren tema: euskara bai, baina bizi ahal izateko, bizitzeko, bizitzarako. «Datozen belaunaldiak alor guztietan euskaraz bizi daitezen da helburua», esan eta azpimarratu zuen, hain zuzen ere, 1998ko abenduaren 20an Euskaldunon Egunkaria indarrez itxian egin zioten elkarrizketan. Testuinguru zehatza zuen elkarrizketak: 60koetan abiatutako Pizkundearen tresneria dagoeneko bereak (aberats eta ugariak) emanda kamusten, eta mende berriarekin batera erronka berri eta handiak euskararentzat, hau da, euskara jendearentzat. Salda horretan egosi zen Kontseiluaren sorrera, hain zuzen ere, euskalgintzaren tresneria berritzeko, erronka berrietara egokitzeko. Arestian aipatutako lerroburuan Xabierrek ederki bildu zuen ahaleginaren muina, lau taupadatan: datozen belaunaldiak/alor guztietan/euskaraz/bizi daitezen. Euskara bai, bai baina bizi ahal izateko, bizitzeko, bizitzarako eta bizimoduko eremu guztietarako. Auzia ez baita euskarak, hizkuntza batek, bizirik irautea. Oso bestelakoa da kontua. Ezinbestean, hiztunez ari baikara hizkuntzez ari garenean, jendeaz, gorputzez, bizitzez. Bizitzaz, bizitzeaz. Azken batean, euskara jendeon bizitzez, bizimoduez, bizigarritasunaz, bizi kalitateaz. Bizi gaitezen tematu zen Xabier bere bizitza guztian; euskara jendeok bizi gaitezen bizitzaren esanahi eta dimentsio osoan. Nola diren gauzak: euskalgintza Kontseilua sortu zeneko aldarte bertsuan dagoen unean hil zaigu Xabier. Abaila bizian doa mundua. Gero eta azeleratuago aldatzen da, eta, horrenbestez, gero eta azeleratuago agortzen zaizkigu ereduak, eragiteko bideak. Kamustu egin zaizkigu orain 25 urte sendo ez ezik distiratsu erditu genituen tresnak. Eman dute berena. Euskalgintza askotariko eta zabalean horri buruz bada akordioa ez ezik adostasuna. Argi dugu lanabes berri eta indartsuak behar ditugula. Zoritxarrez, ordea, kontrara ari zaigu orain ere betiko haizea, euskara jendeaz gain hizkuntza berdintasun eta aniztasuna jomugan dituena: tresna berriak behar ditugunean kamustuta ditugunak ere ebasten. Horregatik elkartuko gara azaroaren 4an Bilbon. Eta gauza bat badakit: Xabier han izango dela gurekin, bizi-bizirik.
2023-10-4
https://www.berria.eus/albisteak/233551/garaipen-handia-lortu-dute-txuri-urdinek-salzburgon.htm
Kirola
Garaipen handia lortu dute txuri-urdinek Salzburgon
Imanol Alguacilek entrenatutako taldeak lehen zati perfektua egin du, eta, jokoaren eta eraginkortasunari esker, ederki bideratu du lehia. Eutsi egin dio gero. Oiartzabalek eta Brais Mendezek sartu dituzte golak.
Garaipen handia lortu dute txuri-urdinek Salzburgon. Imanol Alguacilek entrenatutako taldeak lehen zati perfektua egin du, eta, jokoaren eta eraginkortasunari esker, ederki bideratu du lehia. Eutsi egin dio gero. Oiartzabalek eta Brais Mendezek sartu dituzte golak.
Hegan joan, hegan egin, eta hegan itzuli. Austriarako bidaia ez du edonola osatu Realak, helburu guztiak ongi beteta igaro baitu Txapeldunen Ligako bigarren jardunaldia. Hegazkineko hegaldietan ez ezik, zelaian ere hegan egin dute txuri-urdinek, hankapean hartu eta ondo merezita gainditu baitute Salzburgo. Lehen zati perfektua jokatu du Imanol Alguacilen taldeak, futbolean behar den guztia baliatuta: nortasuna, jokoaren kontrola eta eraginkortasuna. Hiru aldagai horiek ardatz harturik, talde handien izaerarekin aritu dira txuri-urdinak, eta txiki utzi dute Salzburgo. Pase guztiak zehatz eta bizkor egin dituzte, eta jokoan izandako aldea emaitzan islatzen asmatu dute. Oiartzabalek eta Brais Mendezek sartu dituzte golak, lehen ordu erdia betetzerako. Bigarren zatian bestelako itxura eman dute etxekoek, baina Realak ez du arazorik izan 0-2koari eusteko. Garaipenari esker, lehen jardunaldian Milango Interren aurka berdindu izana emaitza ona bihurtu dute donostiarrek. Dudarik ez dago azken urteetan nabarmen hazi dela Reala, baina horixe du hurrengo erronka: asteburuetan liga, eta aste barruan Europako lehiaketak egoki uztartzea. Itxura batean, bada, taldeari ez dio inolako zamarik ekarri aurrez Athleticen aurkako derbiak eragindako nekeak. Partida harekin alderatuta, Imanolek soilik bi aldaketa egin ditu hasierako hamaikakoan, eta berritasun nagusia Oiartzabal izan da. Kontuak zer diren, kapitaina bera izan da txuri-urdinen onena. Realak bizi-bizi ekin dio lehiari, gogotsu eta aurkaria irensteko prest. Oso goian egin du presio, eta itotzear aritu da une oro Salzburgo. Lehen bost minutuetan, hiru aukera alferrik galdu dituzte txuri-urdinek, baina hurrengo aukeran ez dute huts egin. Baloia Oiartzabalen hanketara iritsi da, eta, patxada osoz, aurrelariak maisuki bideratu du baloia sarera, seigarren minutuan. Kalitate handiko errematea izan da, oso jokalari gutxiren esku dagoena. Gol goiztiarrari esker, berak nahi zuen tokian ipini zaio neurketa Realari, eta, minutuak igaro ahala, gero eta nabarmenagoa izan da bi taldeen arteko aldea. Salzburgoko jokalarien batez besteko adina soilik 21 urte izanik, apur bat tokitik kanpo eta aurkariari neurria hartu ezinda ibili dira etxekoak, eta haien ezina baliatu dute txuri-urdinek distira egiteko. Paseak zehatz eta azkar egin dituzte, eta lehen zatiak datu aipagarri bat izan du: Realak %91ko eraginkortasuna izan du paseetan. Jokoaren kontrola txuri-urdinena zen, eta, behin Salzburgoren presioa gaindituta, erasoan zernahi egiteko aukera izan dute. Halaxe iritsi da bigarren gola. Bere zelaian baloia hartu eta aurkariaren arearaino iritsita, Brais Mendezek lortu du 0-2koa, kontraeraso dotore batean. Gol gehiago sartzeko aukerak ere izan ditu Realak. Ziurrenik donostiarren merituz, Salzburgok oso irudi eskasa eman du lehen zati osoan. Baloi luzeetan lasterka eginda, arrisku sentsazioa eragin du pare bat aldiz, baina ezer gehiagorik ez. Hori ikusita, hiru aldaketa egin ditu bigarren zatirako, eta bestelako intentsitate batekin jokatu dute etxekoek, lehen minutuetan bereziki. Partidan bete-betean sartzeko aukera izan dute, epaileak penaltia adierazi baitu haien alde. Ordea, jokaldia errepikatuta ikusi ondoren erabakia atzera bota du. Arnasa hartu du Realak, eta gerora ederki kudeatu du emaitza. Imanolek garaiz egin ditu aldaketak, eta, jokalarien freskotasunari esker, emaitzari bere horretan inolako arazorik gabe eutsi diete txuri-urdinek. Imanol «harro» mintzatu da partida amaieran. «Zoratzeko moduko lana egin dugu. Lehen zatian egin duguna oroimenean geratuko da. Oso zaila da Txapeldunen Ligako partida batean horren ondo aritzea».
2023-10-4
https://www.berria.eus/albisteak/233565/gutxienez-21-lagun-hil-dira-venezian-izandako-autobus-istripu-batean.htm
Mundua
Gutxienez 21 lagun hil dira Venezian izandako autobus istripu batean
Ibilgailua zubi batetik trenbidera erori da, eta su hartu du. Mestre hirian gertatu da ezbeharra.
Gutxienez 21 lagun hil dira Venezian izandako autobus istripu batean. Ibilgailua zubi batetik trenbidera erori da, eta su hartu du. Mestre hirian gertatu da ezbeharra.
Turistaz betetako autobus batek istripu larria izan zuen bart Veneziako Mestre hirian (Italia). Tokiko erakundeek jakinarazi dutenez, gutxienez 21 lagun hil dira (tartean bi ume), eta beste 18 zaurituta daude. Autobusa 15 eta 30 metro bitarteko zubi batetik erori zen trenbide batera, eta su hartu zuen jarraian. Istripua 19:00ak eta 20:00ak artean gertatu zen, eta 22:00etarako gorpu guztiak atereak zituzten larrialdi zerbitzuek. Autobusa Veneziatik Marghera herrira zihoan, eta, argitu ez dituzten arrazoiengatik, errepidetik irten zen, gune turistikotik 10 kilometro ingurura. Inguruko kanpin batean ostatu hartuta zeuden turistak ziren bidaiariak, atzerritarrak gehienak. Suhiltzaileak lanean, autobusa erori zen errepidetik begiratuta.Stringer / EFE Lekuko batzuek RAI telebista kate publikoari azaldu diotenez, autobusa balantzaka ikusi zuten zubi gainean, abiadura motelean, erori eta sutan hasi aurretik. Suhiltzaileak berehala agertu ziren ezbeharra gertatu zen lekura, eta azkar itzali zuten sua. «Eszena apokaliptikoa» izan zela kontatu dute. Luigi Brugnaro Veneziako alkateak dolu eguna iragarri du. Mestre Veneziarekin lotzen duen tren zerbitzua etenda dago.
2023-10-4
https://www.berria.eus/albisteak/233566/ppko-zuzendaritzak-javier-de-andres-proposatu-du-carlos-iturgaiz-ordezkatzeko.htm
Politika
PPko zuzendaritzak Javier de Andres proposatu du Carlos Iturgaiz ordezkatzeko
Alderdiko afiliatuek azaroaren 4ko batzarrean berretsi beharko dute erabakia. Bizkaiko PPk idazkaritza nagusia eskatu du.
PPko zuzendaritzak Javier de Andres proposatu du Carlos Iturgaiz ordezkatzeko. Alderdiko afiliatuek azaroaren 4ko batzarrean berretsi beharko dute erabakia. Bizkaiko PPk idazkaritza nagusia eskatu du.
EAEko PPko presidente Carlos Iturgaizek atzo jakinarazi zuen «erreleboa» emateko garaia iritsi zaiola, eta badu jada nork ordezkatu: Arabako ahaldun nagusi ohi eta Espainiako Kongresuko diputatu Javier de Andres da Genovakoen oniritzia duen hautagaia. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako PPkoek azaroaren 4an egingo dute erabakiari oniritzia emateko batzarra, Gasteizen. EAEko PPko zuzendaritzak gaur goizean egin du bilkura, eta bertan izan da Espainiako PPko Lurralde Antolaketako idazkariorde Miguel Tellado ere. Iturgaiz ordezkatzeko zenbait hautagairen izenak plazaratu badira ere, Efe albiste agentziak jakinarazi duenez, Madrilen De Andresen alde egin dute jada. 2018an aldendu zen hura politikako lehen lerrotik, Espainiako Gobernuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan duen ordezkaritza utzi ostean. Halere, PPk uztaileko Espainiako Gorteetarako bozetarako berreskuratu zuen, Kongresurako Arabako hautagaia izan zedin; hirugarren indarra izan zen PP, eta, gaur egun, diputatua da. Litekeena da, beraz, De Andres bera izatea datorren urtean Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako aurkeztuko duten lehendakarigaia. Izan ere, PPkoen helburua da batzarrera hautagai bakar bat aurkeztea, nahiz eta nahikoa abal dituzten alderdikideek horretarako aukera izan. De Andresek zuzendaritzako kideak hautatzeko baimena izango du. Halere, Bizkaiko PPk idazkaritza nagusia bere esku uzteko eskatu dio alderdiari, duten «pisuagatik». Horretarako, Eduardo Andrade proposatu dute, Bizkaiko PPko egungo idazkari nagusia. Hori guztia afiliatuek berretsi beharko dute azaroko batzarrean. Izan ere, EAEko PPren zuzendaritzak erabaki du militanteentzako batzar ireki bat egitea, botoa konpromisario batzuen esku utzi gabe.
2023-10-4
https://www.berria.eus/albisteak/233567/bildarratzek-esan-du-laquobi-urteren-buruanraquo-garatuko-dutela-hezkuntzarako-laquoesparru-eleaniztunaraquo.htm
Gizartea
Bildarratzek esan du «bi urteren buruan» garatuko dutela hezkuntzarako «esparru eleaniztuna»
Hezkuntza sailburuaren irudiko, hizkuntza ereduak indarrean jarraitzeak «ez du hezkuntza hitzarmena urratzen».
Bildarratzek esan du «bi urteren buruan» garatuko dutela hezkuntzarako «esparru eleaniztuna». Hezkuntza sailburuaren irudiko, hizkuntza ereduak indarrean jarraitzeak «ez du hezkuntza hitzarmena urratzen».
Jokin Bildarratzek, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, balorazioa egin du Hezkuntza Lege proiektuari eginiko zuzenketen inguruan. Besteak beste, egungo hizkuntza ereduei eustea adostu zuten EAJ eta PSE-EE taldeek. Bildarratzen ustez, ordea, horrek ez du urratzen hezkuntza hitzarmenean adostutakoa. Aitzitik, sailburuak azaldu duenez, zuzenketa horretan sartutako xedapen gehigarri baten bidez, alderdiek «bi urteko epea» eman diote Jaurlaritzari behin legea onartuta «esparru eleaniztuna» martxan jar dezan. «Jaurlaritzari dagokio orain esparru hori definitzea eta baliabideak jartzea, ikastetxeei laguntzeko eta ikasleek, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatutakoan, beharrezko hizkuntza maila lor dezaten euskaraz, gaztelaniaz nahiz atzerriko hizkuntzan». Gutxieneko maila hori B2koa da euskarari eta gaztelaniari dagokienez, eta B1ekoa, ingelesaren eta atzerriko beste hizkuntzei dagokienez. Ikusi gehiago: EH Bilduk EAJri eta PSE-EEri eskatu die hizkuntza ereduen zuzenketa argitzeko Bildarratzek nabarmendu duenez, ikastetxe bakoitzak egungo A, B eta D ereduetatik bere hizkuntza proiekturako bidea egingo du, «inguruko egoera sozioekonomikoa eta soziolinguistikoa kontuan hartuta», eta ikasleen irteera profilean ezarritako euskararen, gaztelaniaren eta ingelesaren ezagutza maila, hizkuntzen erabilera eta horiekiko «jarrera positiboa» lortzeko asmoz. Sailburuak gaineratu du legeak «errespetatu» eginen duela Hezkuntza Hitzarmena: «Hizkuntza ereduek indarrean jarraitzen dutela argitzeak ez du hezkuntza hitzarmena hausten». Ikusi gehiago: Hizkuntza ereduen sistemari eustea adostu dute EAJk eta PSE-EEk Bestalde, Hezkuntza Lege proiektuaren onurak azpimarratu ditu: «Lehenengoz, Lege Proiektu honek biltzen du integralki hezkuntza sistema osoa. Lehenengoz bilduko ditu bai ikastetxe publikoak eta bai itunpekoak, aterki edo lege baten azpian». Etorkizuneko Hezkuntza Legearen bigarren ezaugarri edo indargune moduan, «ikastetxe bakoitzaren ahalduntzea, edo autonomia indartzea» nabarmendu du sailburuak. «Ikastetxe bakoitzak erantzun behar dio bere ekosistemari, bere espazioari, bere inguruneari. Azkenean, bere inguruan dagoen bizitzari. Horrek ekarriko du hezkuntza sistemak eta ikastetxe bakoitzak kalitatea areagotzea. Hori da azkenean lege honen helburu nagusienetakoa», azaldu du.
2023-10-4
https://www.berria.eus/albisteak/233568/labek-euskararen-aurkako-laquoolatu-judizialaraquo-salatu-du-donostian.htm
Gizartea
LABek euskararen aurkako «olatu judiziala» salatu du, Donostian
Gipuzkoako Foru Aldundiaren 68 egonkortzeko prozesuetatik biri helegitea jarri die CCOOk, euskarari lotutako eskaera apaldu dadin, eta gaur hasi da horietako bati dagokion epaiketa.
LABek euskararen aurkako «olatu judiziala» salatu du, Donostian. Gipuzkoako Foru Aldundiaren 68 egonkortzeko prozesuetatik biri helegitea jarri die CCOOk, euskarari lotutako eskaera apaldu dadin, eta gaur hasi da horietako bati dagokion epaiketa.
Donostiako Epaitegiaren atariak LAB sindikatuaren protesta bat hartu du administrazioaren lanpostuak egonkortzeko prozesu biren euskara eskakizunen aurkako epaiketa hasi den egunean. Sindikatuak Aldundian duen arduradun Edurne Lizasok azaldu duenez, zaintzaileei dagozkien lanpostuak egonkortzeko bi prozesuak bertan behera uzteko helegiteak jarri ditu CCOOk, eta erantsi du, «euskararen aurkako eraso» horiek ikusirik, LABek planto egin duela. Sindikatu hori, ELA, zenbait langile eta Gipuzkoako Aldundia bera ari dira auzi judizial horretan parte hartzen, helegitea jarri duen sindikatuaz gain, alegia, CCOOz gain. Gaur abiatu den epaiketa hogei zaintzaile lanposturen prozesu bati dagokio. Beste prozesuaren epaiketa abenduan iritsiko da. Lanpostu finkoa lortzeko, euskararen bigarren hizkuntza eskakizuna ezarri du Aldundiak, eta CCOOk nahi du euskarari dagokion eskaera apaltzea. «Sinetsita gaude estrategia zabal baten parte dela hau. Orain, bi prozesuen aurka egin dute, hau da, sektore feminizatuei eta maila apaleko lanpostuen prozesuei. Zergatik?», galdetu du Lizasok. Esplikatu du Aldundiaren egonkortze prozesu guztietan ezartzen dela euskarari dagokion eskakizuna. «Ez dakigu nora iritsi nahi duten, baina aurrean izango gaituzte, hemen bi hizkuntza ofizial baitaude, eta administrazioak bi hizkuntza horietan eman behar baitu arreta». Arretaz gain, langileek ere euskaraz aritzeko eskubidea dutela erantsi du. Helegite gehiago iritsiko dira Aspaldi honetan hizkuntza eskakizunen lan prozesuen aurkako epaiak heltzen ari dira arlo judizialetik; «euskaren aurkako olatu judizailari» erreparatu dio LABeko kideak, aurreikusteko gaur hasitako epaiketak zer-nolako epaia izan dezakeen. Donostiako Udalak zenbait lanpostu egonkortzeko prozesuen aurka ere jo dute, eta, oro har, euskal administrazioaren prozesuetan ohiko bihurtzen ari dira euskara eskakizunen aurkako ekimen judizialak. «Ikusten dute epaileek arrazoia ematen dietela», esan du Lizasok, eta aurreikusi du euskarari lotutako eskaeren auziak aurrera egingo duela epaitegietan, «CCOOk garbi esan duelako bide beretik joango dela aurrerantzean». LAB kalean egongo da «euskararen arloan egindako urratsetan atzera egin ez dadin»; esaterako, Euskalgintzaren Kontseiluak datorren azaroaren 4rako deitutako manifestazioan. «Euskararen kontrako oldarraldiaren aurka eta euskararen normalizazioaren alde» izango da martxa handi hori, eta harekin bat egin dute alderdi, sindikatu eta erakunde asko; adibidez, Bilboko Udalak berak.
2023-10-4
https://www.berria.eus/albisteak/233569/arcelor-mittalek-urtea-bukatu-arte-luzatu-du-aldi-baterako-erregulazioa.htm
Ekonomia
Arcelor Mittalek urtea bukatu arte luzatu du aldi baterako erregulazioa
Altzairuaren multinazionalak UGT, CCOO eta LSB-USO sindikatuekin adostu du ABEEa. ELAren arabera, ordea, «ez du justifikaziorik».
Arcelor Mittalek urtea bukatu arte luzatu du aldi baterako erregulazioa. Altzairuaren multinazionalak UGT, CCOO eta LSB-USO sindikatuekin adostu du ABEEa. ELAren arabera, ordea, «ez du justifikaziorik».
Arcelor Mittalek aldi baterako enplegu erregulazioak (ABEE) kateatzen jarraitzen du. Apirilean, sei hilabetez bere 7.000 langileren lanaldia laburtzeko erregulazio bat adostu zuen CCOO, UGT eta LSB-USOrekin, eta orain, sindikatu horiekin beraiekin hitzartu du erregulazioak urtea amaitu arte irautea. Altzairuaren multinazionalak hamarren bat lantegi ditu Euskal Herrian, eta horietako lauri eragingo die ABEEak: lanaldiaren %50 murriztuko diete Etxebarrin (Bizkaia), %40 Legasako AMDS Processingen (Nafarroa), %35 Lesakan (Nafarroa), eta %20 banaketan (Agurain, Araba). 650 langile inguru aritzen dira planta horietan. Erregulazioak eragina izango du Asturiasko lantegietan (%15) eta Valentziako Saguntekoan ere (%5). Erregulazioan dauden langileek soldataren %90 jasoko dute, eta aparteko ordainketen eta oporren %100. ELAk salatu du espedienteen erabilera «egiturazko» bihurtu dela altzairugintza enpresan, «hamalau urte baitira lege tresna hori praktikan etengabe aplikatzen dela». Sindikatu horrek erregulazioa arrazoitzeko informazioa eskatu dio enpresari ABEEaren negoziazio prozesua baina, «beste behin ere», ez du jaso. «Eskatutako dokumentazioa ez aurkezteak erakusten du espedienteak ez duela inolako justifikaziorik». ELAk berriro eskatu dio zuzendaritzari Euskal Herriko lantegien etorkizuna bermatuko duten industria planak aktibatzea. «Ez da inbertsiorik egiten, eta langile gutxiago eta batez besteko adin handiagoko lantaldeak daude». Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari esku hartzeko eskatu die.
2023-10-4
https://www.berria.eus/albisteak/233570/klak-ek-laugarren-denboraldia-hasi-du-bazkide-kanpaina-batekin-batera.htm
Bizigiro
‘Klak’-ek laugarren denboraldia hasi du, bazkide kanpaina batekin batera
Klak.eus webgune berrituan, urteko 50 euroko edo 150 euroko bazkidetza egin daiteke.
‘Klak’-ek laugarren denboraldia hasi du, bazkide kanpaina batekin batera. Klak.eus webgune berrituan, urteko 50 euroko edo 150 euroko bazkidetza egin daiteke.
Klak Gazte Ahotsa egitasmoak laugarren denboraldiari hasiera eman dio gaur. Aurten «jauzi kualitatibo bat» egiteko asmoa adierazi dute proiektuko gazteek, «baina hori oso baldintzatuta egongo da abiatu dugun bazkide kanpainarekin». Klak.eus webgune berrituan, urteko 50 euroko edo 150 euroko bazkidetza egin daiteke. «Komunitate eta proiektu honen parte bilakatzearen plazeraz gain, hainbat opari eta zozketa jasoko dituzte bazkideek». Denboraldi honetako edukiei dagokienez, aktualitateak leku berezia hartuko duela iragarri dute. Baina ez dituzte albiste soilak landuko, baizik eta lanketa Interneteko sareetako kodeak aintzat harturik egingo dute. «Gazteriak orainari begiratzeko duen moduaren isla izango da Klak, eta hori momentuan momentuko gaiak landuz egin daiteke soilik», azaldu dute proiektuko arduradunek. Formatuetan, gainera, esperimentatzeko asmoa azaldu dute. «Komunikazioaren mundu zabalean murgilduko gara, harribitxien bila». Bazkide kanpainaren lelotzat Hutsunea betetzera dator Klak erabiliko dute. «Sare sozialetan euskarak duen leku urriak arduratzen gaitu, belaunaldi berri bat borrokara eta kontzientziaziora batzeak, eta erronka zaharrei erantzun berriak emateak».
2023-10-4
https://www.berria.eus/albisteak/233572/beskoitzeko-ikastolak-15-egun-eman-dizkio-herriko-etxeari-laquoerantzun-politikoraquo-bat-emateko.htm
Gizartea
Beskoitzeko ikastolak 15 egun eman dizkio herriko etxeari «erantzun politiko» bat emateko
Ikastola eraikitzeko proiektuari herriko etxeak behin eta berriz oztopoak jarri dizkiela salatu dute. Seaskak iragarri du eraikuntza egiteko erantzunik ez badute «mobilizazio fase batera» pasatuko direla.
Beskoitzeko ikastolak 15 egun eman dizkio herriko etxeari «erantzun politiko» bat emateko. Ikastola eraikitzeko proiektuari herriko etxeak behin eta berriz oztopoak jarri dizkiela salatu dute. Seaskak iragarri du eraikuntza egiteko erantzunik ez badute «mobilizazio fase batera» pasatuko direla.
Beskoitze: Ikastola baten garapena blokeatzen duen herri bakarra zioen pankarta baten gibelean, agerraldia egin dute goizean Beskoitzeko (Lapurdi) ikastolako burasoek Seaskako kideekin batean. Salatu dute Fabienne Aiensa herriko auzapezak eta haren talde politikoak ikastola eraikitzeko «etengabeko» oztopoak ezartzen dizkietela. Izan ere, duela hamar urte sortu zenetik, ikastola eraikin prefabrikatu batean da. Iaztik, ttipi gelditu dira prefabrikatu horiek 50 ikasle baino gehiago direlako. Horregatik, eraikuntza baimen bat pausatu zuen Seaskak, eta hainbat gorabehera izan dituzte geroztik herriko etxearekin, baiezkoa eman ondoan gibelera egin dutelako berriz. Hala, «erabaki teknikoa» bainoago, «erabaki politikoa» dela erran du Seaskak, eta hamabost eguneko epea eman diote herriko etxeari aterabide bat emateko. Bestela, «mobilizazio fase batera» iraganen direla erran dute. «54 urteren ondoren, Seaskak esperientzia luzea du eraikuntza baimenetan. Lehen aldia da herri batek uko egiten diola Seaskako kideekin eta arkitektoarekin biltzeari. Ohartarazi nahi dugu Beskoitzen euskararen eta ikastolaren kontrako neurriak nahita hartzen dituen herri baten aitzinean garela», adierazi du Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak. Erran du, orain, Seaska «prest» dela eraikuntza proiektu berri bat pausatzeko, eta Herriko Etxeari dagokiola «baimena ematea bere lurretan eraikitzeko». Bilkura bat galdegin diote herriko etxeari, eta erran dute ez dutela «amore emanen». Jorajuria: «Euskarak ezin du gibelera egin aitzina egin dezakeen tokian». Halaber, hautetsiei «laguntza» eskatu diete Beskoitzeko herriko etxea «arrazoibidera ekartzeko». Horien arabera, «Euskal Herriko hizkuntza politika da Beskoitzen jokatzen dena». Burasoak kezkaz mintzatu dira. Lucie Paraxu Beskoitzeko ikastolako hiru haurren ama da. Adierazi du egoera horrek ezin duela segitu, prefabrikatuetan gelditzea «arriskutsua» bilakatzen ari baita, ikasle kopuru handiagatik. «Gainera, neguan biziki hotz da, eta udan, biziki bero. Gure haurrentzat hoberena nahi dugu, ez dugu beste munduko gauzarik eskatzen; gure haurrek baldintza onetan ikastea nahi dugu». Beskoitzeko auzapezarekin mintzatu nahian, axuant den Fabienne Etxegarairekin mintzatu da BERRIA: «Ez naiz [Seaskaren] agerraldi horren jakinean, eta ez dut ulertzen zer nahi duten. Jadanik bilduak gara haiekin herriko kontseilu batean, eta orain ez dakit zer nahi duten gehiago». Halere, erran du ez dela bera afera horretaz arduratzen den axuanta. Seaskakoek zehaztu dute aipatzen duen herriko kontseilu hori iazko urrian izan zela; orduan, eraikitze baimenaren aldeko jarrera agertzen zuen herriko etxeak, eta, gero, gibelera egin zuten berriz.
2023-10-4
https://www.berria.eus/albisteak/233573/presidentea-kargugabetuta-aebetako-ordezkarien-ganberako-jarduna-eten-dute.htm
Mundua
Presidentea kargugabetuta, AEBetako Ordezkarien Ganberako jarduna eten dute
Errepublikanoen eskuin muturreko multzo txiki baten ekimenez, beren alderdikide Kevin McCarthy behe ganberako presidente kargutik kendu dute. Demokraten eskaeren aurrean amore ematea egozten diote.
Presidentea kargugabetuta, AEBetako Ordezkarien Ganberako jarduna eten dute. Errepublikanoen eskuin muturreko multzo txiki baten ekimenez, beren alderdikide Kevin McCarthy behe ganberako presidente kargutik kendu dute. Demokraten eskaeren aurrean amore ematea egozten diote.
AEBetako Ordezkarien Ganberak instituzio horretako presidentea, Kevin McCarthy errepublikanoa, kargugabetzea onartu zuen atzo, eta, orduan, diputatu errepublikano batek oihu egin zuen, galdera bat planteatuz: «Eta orain, zer?». Izan ere, AEBetan aurrenekoz kendu dute Ordezkarien Ganberako presidente bat. Ez dago argi zer gertatuko den, baina behin-behinean McCarthyren tokia hartu duenak, Patrick McHenryk, kontu administratiboak baino ezin ditu kudeatu; hau da, paralisi egoera horretan ez duela ohiko jardunik edukiko ganberak, ezingo dutela lege berririk aurrera atera, noiz eta, hain justu, urte fiskal hasiberrirako aurrekontuak eta Ukrainarentzako diru sail berri bat negoziatzen ari zirenean. Donald Trumpen tesiekin bat egiten duen diputatu errepublikanoen multzo txiki bateko buruak, Matt Gaetzek, aurkeztu zuen McCarthy kargugabetzeko mozioa. Bozkatu zuten, eta demokratek abagunea baliatu zuten haiek denek ere, zortzi errepublikanok egin bezala, McCarthyren aurka egiteko, modu horretan zorrak kitatuz —Joe Biden AEBetako presidentearen aurkako ikerketa bati bide eman zion McCarthyk lehengo astean— eta errepublikanoen artean zatiketa eraginez: 216k bozkatu zuten hura kargutik kentzearen alde, eta 210ek, kontra. McCarthyren kontra egin dute eskuin muturreko diputatuek, leporatzen diotelako amore ematea demokraten eskaerei. Izan ere, urtarrilean kargua hartu zuenetik, eta demokratekin ados jarrita, errepublikanorik muturrekoenak sutu dituzten bi erabaki ahalbidetu ditu, gutxienez. Batetik, zorraren muga bertan behera uztea, modu horretan gobernuak bere finantza konpromisoak bete ditzan. Eta, bestetik, administrazioa partzialki ixtea eragotziz, behin-behineko aurrekontu bat onartzea, azaro erdialdera arte iraungo duena. Ikusi gehiago: Ukraina militarki babesteko orduan arrakalak handituko direla pentsatzen du Errusiak Horiek horrela, Gaetzek atzo bozketaren aurreko debatean adierazi zuenez, AEBetako familiak «batere dirurik ez izateko mugan» daude inflazioaren ondorioz. «Gure ekonomia bitan zatitzen ari da. McCarthyk huts egin du auzi inportanteen inguruan posizionatzeko orduan. Ez dut barkamenik eskatuko behargin estatubatuar guztiek bizitza duin bat izateko duten eskubidea defendatzeagatik». Eta, behin kargugabetzea gertatu ondoren, presidente izandakoaren kontra egin zuen: «Boterera iritsi da interes berezien bidez dirua bilduz, eta hori mesedeen truke banatuz». Bozketaren ondoren agerraldia egin zuen McCarthyk, eta Gaetzi egotzi zion «arrazoi pertsonalengatik» egitea bere aurka; baita arreta erakarri nahi izateagatik ere. Jakinarazi zuen ez dela berriro aurkeztuko Ordezkarien Ganberako presidente izateko, eta, bide batez, bere erabakiak defendatu zituen: «Nire lana galtzen badut zuzena dela iruditzen zaidan hori egiteagatik, ez daukat inongo arazorik horrekin». «Kaos» ohartarazpenak McHenryk ordezkatuko du behin-behinean, McCarthyk bere agintaldia hastean bere ordezko posibleen zerrenda sekretu bat osatu zuelako eta zerrenda horretako aurrenekoa zelako, atzo kargugabetua izan ondoren jakinarazi zutenez. Horren harira, AEBetako hedabideak hasi dira jada kinielak egiten, ea zeintzuk izan daitezkeen McCarthy ordezkatzeko hautagai errepublikanoak. Ordezkarien Ganberak gehiengo errepublikanoa du (221-212), eta Senatuak, aldiz, gehiengo demokrata (51-49). Horregatik izan dituzte lanak edozein lege onartzeko. Horrekin zerikusirik ez zuten izan, ordea, aurreko urtarrilean McCarthy aukeratzeko sortutako zailtasunek. Ohikoena izan da ganberan gehiengoa duen aldeak hautagai bat adostea, eta hori aurreneko bozketan aukeratua izatea. Errepublikano batzuek, Gaetzek eta bere ingurukoek, hain justu, McCarthyren hautagaitza blokeatu zuten behin baino gehiagotan, eta hamabost bozketa behar izan zituzten presidentea izendatzeko. Kaosa nagusitzekotan egon zen orduan, eta Tom Cole diputatu errepublikanoak, behe ganberako Arauen Batzordeko buruak, ohartarazi du «kaosaren aldeko botoa» izan dela Gaetzek bultzatutakoa, eta ziurtasunik eza aurreikusi zuen. «Inork ez daki zer gertatuko den gero; ezta kargugabetzearen alde bozkatu zutenek ere... Oraintxe ez dute planik, ez alternatibarik», azpimarratu zuen CNN telebistan. Gaetzek, nolanahi ere, hartutako erabakia defendatu du: «McCarthy presidentea da kaosa; kaosa da norbaiten hitzaz ez fidatzea» Etxe Zuriak eskatu die errepublikanoei «laster» aukeratu dezatela McCarthyren ordezkoa. «AEBetako herritarrek merezi dute beren bizitzei eragiten dieten gaiak erdigunean jarriko dituen lider bat», plazaratu du, ohar batean, Bidenen bozeramaile Karine Jean-Pierrek.
2023-10-4
https://www.berria.eus/albisteak/233574/howardek-kontratua-berritu-du-baskoniarekin-2026ra-arte.htm
Kirola
Howardek kontratua berritu du Baskoniarekin 2026ra arte
Jokalari estatubatuarrak eta Gasteizko taldeak beste bi denboraldiz luzatu dute kontratua. Baskoniak bere jokalaririk erabakigarriena lotzea lortu du.
Howardek kontratua berritu du Baskoniarekin 2026ra arte. Jokalari estatubatuarrak eta Gasteizko taldeak beste bi denboraldiz luzatu dute kontratua. Baskoniak bere jokalaririk erabakigarriena lotzea lortu du.
Klubak eta jokalariak lortu duten akordioaren arabera, soldata nabarmen igoko da kanpaina honetan bertan, eta, are gehiago, hurrengo bietan. AEBetako jokalaria Europa ligan gehien irabazten dutenen artean kokatuko da. Baskoniak Europako saskiratzailerik onenetako baten eskubideak bermatzen ditu, nahiz eta sinatu zen bi urteko lehen kontratuan ez zegoen irteera klausula bat ezarri den oraingoan. Joan den denboraldian, Howard ACB Llgako boskoterik onena izendatu zuten, jokatu zituen 32 partidatan 16,5 puntu lortu baitzituen. Gainera, hiruko jaurtiketetan saskiratutakoen %42,4, bikain batekin. Denboraldiko saskiratzailerik onenetan hirugarrena izan zen, eta inork ez zuen berak baino gehiago sartu kanpoaldetik. Europa ligan 33 partida jokatu zituen, 14,2 puntu batez beste eta %36,5 hirukoetan. Hiriarekin lotura berezia duen jokalari da Howard, eta horrela adierazi du akordioa sinatu ondoren. «Zaleak maite ditut, eta arrazoi asko ditut leku honi etxea deitzeko». New Jerseyn jaiotako jokalariak eta Baskoniako taldeak akordio bat lortu dute, azken urteetako jokalaririk ikusgarrienetako bat datozen hiru denboraldietan ere gorri-urdinez jantz dadin. Hasiera-hasieratik harmailarekin konektatu eta Buesa Arena osoa zutik jarri zuen Markus Howardek, bada, zaleak maitemintzen jarraituko du.
2023-10-4
https://www.berria.eus/albisteak/233575/fantasia-da-lelopean-egingo-dute-aurtengo-durangoko-azoka.htm
Kultura
'Fantasia da!' lelopean egingo dute aurtengo Durangoko Azoka
Abenduaren 6tik 10era izango da azokaren 58. aldia. Kartelaren aurkezpena egin dute gaur.
'Fantasia da!' lelopean egingo dute aurtengo Durangoko Azoka. Abenduaren 6tik 10era izango da azokaren 58. aldia. Kartelaren aurkezpena egin dute gaur.
Abenduaren 6tik 10era, Fantasia da! lelopean egingo dute Durangoko Azokaren 58. aldia. Hain justu, kartelaren eta leloaren aurkezpen prentsaurrekoa egin dute gaur. Ximon Agirre artistak sortu du aurtengo kartela, fantasiaren gaia ardatz hartuta. Ideia nagusia «mundu propio bat sortzea» izan dela azaldu du, «azokaren elementu propioak pertsonaia fantastikoekin uztartuz». Hala adierazi du: «Sormenaren zikloa irudikatu nahi izan dut; hortik sortzen da unibertso guztia». Irudian, fantasiazko eremu batean, hainbat pertsonaia fantastiko ageri dira kantuan, irakurtzen edota musika tresnak jotzen, azokari keinua eginez. Agirrek aitortu du «ilusio handiz» hartu zuela kartela diseinatzeko proposamena. Hiru dimentsioko irudia osatu du, errealitate birtualean landuta. «Hasieratik argi nuen 3Dn egin nahi nuela, gero mundu horren barruan sartu ahal izateko; eta errealitate birtualaren bidez modelatu nahi nuen, askatasun handiagoa edukitzeko». Arte ikasketak egin zituen EHUn Agirrek, eta Inprimaketa Grafikoko, Ilustrazioko eta Lanketa Artistikoko Masterra egin zuen ondoren Gaztela-Mantxako Unibertsitatean. Ilustrazioan, bideogintzan eta animazioan jardundakoa da. Azken urteotan, gehienbat, musika taldeentzat egin du lan, diskoen azalak, kontzertuetarako kartelak eta bideoklipak sortzen. Antolatzaileen esanetan, beraz, «fantasiaz beteko da» aurten Durangoko Azoka. Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidenteak azaldu du azoka jendetsu eta aberatsa izatea nahi dutela, kultura bultzatzeko asmoz. «Fantasia da sortzaile berrien ilusioa, liburuen usaina, diskoen kolorea, kulturazaleen irribarrea, bolondresen lana, aspaldi ikusi gabeko lagunekin topatzea, sormen bakoitzaren istorioan dagoen magia, jende alaiaren berbaroa, bizigogoa, kulturaren beroa». Azoka, modu presentzialean Buru-belarri dabiltza antolatzaileak aurtengo aldirako egitaraua atontzen. Mujikaren hitzetan, denetariko eskaintzak egongo dira Ahotsenea, Irudienea, Kabia, Museoa, Saguganbara, Szenatokia eta Talaia guneetan: «Hitzaldiak, musika, solasaldiak, proiekzioak, tailerrak, liburuak, diskoak, emozioak, grazia, poesia, eta fantasia ere bai». Oraindik zabalik dago egitaraurako proposamenak egiteko aukera; urriaren 15era arte egongo da irekita. Gainera, Ikasleen Goiza azokaren bigarren egunean izango da; hots, abenduaren 7an. Ikastetxeetako eta aisialdi taldeetako gazteentzako egitaraua egongo da, eta Durangora bertaratu ezin duten ikastetxeek PortaDA! erronkan parte hartu ahalko dute. Bestalde, Beñat Gaztelurrutia Gerediaga elkarteko kudeatzaileak esan du aurrez aurreko azokaren aldeko apustua egingo dutela aurten, eta online ereduaren leihoa «itxi» egingo dutela. Hala ere, «pertsiana guztiz bota barik»; etorkizunean premiarik izanez gero, planteatuko dute berriro aukera hori. Azoka bisitatzeko deia egin dute antolatzaileek.
2023-10-4
https://www.berria.eus/albisteak/233576/bizik-ez-du-egiazko-eztabaidarik-antolatzen-baina-independentea-ote-da.htm
Iritzia
Bizik ez du egiazko eztabaidarik antolatzen, baina independentea ote da?
Bizik ez du egiazko eztabaidarik antolatzen, baina independentea ote da?.
Gure ustez Bizik ez du egiazko eztabaidarik antolatzen, hau da, eztabaida erradikalak, arazoen erroetara jotzen dutenak, eta eztabaida libreak, ez eztabaida faltsuak non entzule kopuru handiaren parean diren «pertsonalitateek» hitza monopolizatzen duten, hitzaldien ondotik eta «denbora gelditzen baldin bada» behatzaileei galdera batzuk edo kasu hoberenean iruzkin batzuk egiteko aukera emanez. Horregatik Biziren Euskal Herria Burujabe egitasmoari bi kritika erradikal egin genizkion (ikus www.herribiltza.eus), eta urriaren 7 eta 8an Baionan antolatzen duen bitxikeriaz betetako «ekitaldi handiari» beste bat egiten diogu hemen. Bitxikeria, bai, ekitaldi horretan Bizik hautetsiei, barka, hautetsi handiei, barka, frantses hautetsi handiei, emaiten dien garrantzia, demokrazia errepresentatibo eta parte hartzaile giroan, hau da demokrazia faltsuan: ezagutarazitako lehen hamar gomitatuetan, Grenobleko auzapeza, Frantziako Legebiltzarreko diputatu frantses bat eta bi europarlamentari frantses baziren; euskal herritar bakarra bazen. Bitxikeria ere bai, Bizi mugimendu ekologistak Grenobleko auzapezaren ekintza indartzea. Ekologismoaz beste ikuspegia duten Grenobleko PMOkoek, hiri hori berdetze tekno-kapitalistaren puntan den laborategia dela diote. Gai honi buruz beren idazkiak irakurtzea aholkatzen dugu (www.piecesetmaindoeuvre.com). Urriaren 6an, 18:30ean, Ortzaizeko Menta liburu-dendan, trantsizio energetiko eta numerikoari buruz Matthieu Amiech entzutea eta ondotik egiazko eztabaida egitea, Grenobleko auzapeza entzutea baino interesgarriagoa izango dela pentsatzen dugu. Ongi etorri orori. «Ekitaldi handiko» lehen hamar gomitatuen artean ez zen euskaldunik. Hizkuntza bitxitasuna da ere bai antolatutako berrogei hitzaldietan: guttiengo ttikia euskaraz izanen da frantsesezko bat-bateko itzulpenarekin, eta gehiengo handia frantsesez izanen da euskarazko bat-bateko itzulpenik gabe. Goaitatutako 10.000 lagunen artean, Bizik ez du Hego Euskal Herriko lagunik goaitatzen? «Ekitaldi handiko» 36 orrialdeko egitarauan eta bereziki karrikako animazio, hitz hartze eta tailer kopuru handian, euskararen tokia hutsaren hurrengoa da. Euskara bigarren mailako hizkuntza bezala tratatzea gelditzera gomitatzen dugu Bizi, eta serioski galdera honi buruz gogoetatzera: Hizkuntza(k): zer lehenetsi nahi dugu?. Bitxiki, Bizik, ez duela «nehundik ere alderdi politiko baten eta oraindik guttiago podere publikoen menpe egon nahi» azpimarratzen du, sindikatuak aipatu gabe (https://bizimugi.eu/eu/nor-gira). Bizik, ELA sindikatuak sortutako Manu Robles-Arangiz Institutua fundazioaren egoitza erabiltzen du (https://mrafundazioa.eus/eu/fundazioa/helburuak). Manu Robles-Arangiz ELAren sortzailea izan zen. Urriaren 7 eta 8ko konferentzien hainbat hizlari fundazio honen kide direla ikus dezakegu (https://mrafundazioa.eus/eu/fundazioa/lan-taldea?set_language=eu). Ohargarri dira ere, berriki ELAko sindikalista kopuru handiak Biziren propagandari laguntza ekarri izana (https://bizimugi.eu/eu/euskal-herria-burujabe-2023-ekainean-ekitaldiak-bata-bestearen-ondotik), urriko konferentzien hizlari guzien artean bakarrik langile sindikalista bat iragarria izaitea, ELAko idazkari orokor ordea, eta ELAko kide den baina hola aurkeztua ez den hizlari bat izaitea (https://et-si.alternatiba.eu/metamorphoser/). Bizi ez da independentista, baina independentea ote da? LAB sindikatuko Iparraldeko bozeramailea, egingo duen karrikako hitz hartzearekin pozik gelditu beharko da. Bere propagandarentzat, beste kolaboratzaile batzuk baditu ere Bizik, adibidez Enbata. Hortaz dudatzen dutenentzat, aski da iraileko alearen azala begiratzea. Eta beste behin, izenburuan euskara eskas dela ohartuko gira ere. Guri min egiten digu horrek. Tartaro ez da garrantzitsuenaz harritzen! Bizik zenbakiak ere bitxitzen ditu: 2023ko urtarrilean, «Ipar Euskal Herriko metamorfosirako» urriko «ekitaldi handia» iragarri zuelarik, goaitatutako milaka pertsonentzat 1.000 laguntzaile behar zituela zioen. Baina ekainean, goaitatutako milaka pertsonentzat 500 laguntzaile behar dituela zioen. Metamorfosiaren barne da hori? Laguntzaileek hastapen batean aurreikusia zena baino bi aldiz lan gehiago egin beharko dute? Baina tira, hala ere segurki merezi du, zeren 10.000 pertsona goaitatuak badira, gauza hori oso «garrantzitsua» eta «saihestezina» izan behar da, Bizik dioen bezala. Hain «saihestezina» non gure buruari galdegiten diogun zergatik Bizik prezio libreko kontzertuak antolatzen dituen. Baina bai, zer inuzenteak gu, pentsatzen ginuen konferentziek zituztela 10.000 pertsonak erakarriko. Bizi ez ote da bitxi? Genioen bezala, urriaren 7 eta 8an ez gira Bizik Baionan antolatzen duen Euskal Herria Burujabe ekitaldira joanen, ez ez dugulako Biziren Euskal Herria Burujabe egitasmoarekin bat egiten, baizik eta egun horietan Villabonan izanen girelako, bertan Euskal Herrian Euskaraz-ek ekitaldia antolatzen duelako, lelo honekin: Independentzia. P.S. Ortzaizen Amiech-en hitzaldirako 12.000 pertsona goaitatuak direnez, 600 laguntzaile behar ditugu. Milesker zuen izenak helbide honetan emaiteagatik: hobekantitate@kalitateabaino.eus.
2023-10-4
https://www.berria.eus/albisteak/233577/kpia-ezinbesteko-baldintza-dela-iragarri-dute-bizkaiko-ostalaritzako-langileek.htm
Ekonomia
KPIa ezinbesteko baldintza dela iragarri dute Bizkaiko ostalaritzako langileek
Astelehenean bilduko dira patronalarekin sei hilabeteko negoziazio etenaren ondoren. Jasotako azken eskaintza %5eko soldata igoera izan zen, eta langileek %12koa nahi dute.
KPIa ezinbesteko baldintza dela iragarri dute Bizkaiko ostalaritzako langileek. Astelehenean bilduko dira patronalarekin sei hilabeteko negoziazio etenaren ondoren. Jasotako azken eskaintza %5eko soldata igoera izan zen, eta langileek %12koa nahi dute.
Sei hilabeteko negoziazioen etenaren ondoren, Bizkaiko ostalaritzako sindikatuak eta patronala astelehenean bilduko dira berriz. Sindikatuek eginiko deialdia da, eta 2020az geroztik izoztuta dagoen lan hitzarmena berritzea dute helburu. Langileen ordezkariek «benetako mamia» duten eskaintzak eskatu dituzte, azken hartu-emanean jarrerak oso urrun zeudelako: patronalak %5eko soldata eguneraketa eskaini zuen, eta sindikatuek %12koa eskatu zuten, atzeraturiko KPIen adinakoa, hain zuzen. Sindikatuek argi dute hori dela gutxieneko eskakizuna. Akordiorik lortu ezean, beste bi greba egunera deituko dute urriaren 11rako eta 12rako. 12a jaieguna da Hego Euskal Herrian. Bizkaiko ostalaritzako lan hitzarmenaren baldintzen arabera diharduten 22.000 langileak grebara deituta zeuden gaurko. ELA (%46,4), LAB (%24,9), CCOO (%22,7) eta UGT (%6) sindikatuek eginiko deialdia zen. Taberna eta hoteletako langileez gain, jantoki publikoak zein pribatuak hornitzen dituzten enpresetakoak (Basko, Gasko...) ere deituta zeuden. Sindikatuen arabera, azken horietan eragina oso handia izan da, %60 ingurukoa, baita hotel handietan ere. «Sindikatuok eraginik handiena dugun lantokiak dira. Itunpeko ikastetxe askotan umeek bazkaria etxetik eraman dute gaur egun, eta Loiuko aireportuko kafetegia itxita dago», zehaztu du Marije Fernandez ELA sindikatuko ordezkariak. Bizkaiko Ostalaritza Elkarteak baldintzak inposatzea egotzi zien sindikatuei, eta Fernandezek ukatu egin du, eta azaldu du patronalak ez duela bildu nahi izan otsailaz geroztik, eta horrek erakusten duela haren borondate falta. Sindikatuek, baina, argi dute KPIa marra gorri bat dela, eta Iñigo Alonso LABeko ordezkariak azaldu du zergatia: «Azken urteetan ostalaritzako prezioak izugarri igo dira, eta irabaziak ere bai. Ostatu-gauak asko ugaritu dira hoteletan, eta logelak %30 eta %40 garestitu dira, eta hori ez da janariak eta edariak garestitu direlako».Bizkaiko lan hitzarmenak 2020az geroztik dago berritu gabe; aldiz, Arabakoa eta Gipuzkoakoa indarrean daude. Azken hori izanda azkena, eta langileek uste dute ispilu izan beharko lukeela. Udaberrian berritu zen, soldata %12 eguneratuta, eta 2024 eta 2026 bitartean soldata igoerak KPI gehi %3koak izango dira —%6ko topearekin—. Soldata taulei dagokienez, 1.394 eta 1.743 euro gordinen artean daude, hamalau ordainketatan.
2023-10-4
https://www.berria.eus/albisteak/233578/eh-bilduk-eajri-eta-pse-eeri-eskatu-die-hizkuntza-ereduen-zuzenketa-argitzeko.htm
Gizartea
EH Bilduk EAJri eta PSE-EEri eskatu die hizkuntza ereduen zuzenketa argitzeko
Koalizioa abertzaleak salatu du «gidoi aldaketa bat» egon dela, hezkuntza ereduen aipua egin dutelako EAEko Hezkuntza Lege proiektuari jarritako zuzenketan, orain artean ez bezala. EAJri «PSE-EEren markoa onartzea» leporatu dio.
EH Bilduk EAJri eta PSE-EEri eskatu die hizkuntza ereduen zuzenketa argitzeko. Koalizioa abertzaleak salatu du «gidoi aldaketa bat» egon dela, hezkuntza ereduen aipua egin dutelako EAEko Hezkuntza Lege proiektuari jarritako zuzenketan, orain artean ez bezala. EAJri «PSE-EEren markoa onartzea» leporatu dio.
«Gidoi aldaketa bat». Horixe ikusi du EH Bilduk atzo EAJk eta PSE-EEk egindako akordioan. Hain zuzen ere, atzo amaitu zen EAEko Hezkuntza Lege proiektuari zuzenketak ipintzeko epea, eta EAJk eta PSE-EEk hizkuntza ereduen sistemari eustea jaso dute horietako batean. Orain arte, hezkuntza akordioan eta lege proiektuan, ez ziren aipatzen. Hori horrela, EH Bilduko programa zuzendari Pello Otxandianok agerraldia egin du Donostian, eta argitasuna eta seriotasuna galdegin ditu, zuzenketaren bertsio bat eta bakarra ematea. Egoera analizatuz ekin dio agerraldiari Otxandianok. «Gidoi aldaketa bat» egon dela nabarmendu du bi urte baino gehiagoko bideren ostean: «Ibilbide honetan guztian ez da egon hizkuntza ereduen inguruko aipamenik». Atzo, baina, azken-azkenean aldaketa egin zutela nabarmendu du: «PSEk marra gorria jarri du, jendaurrean; hordago bat bota du, jendaurrean; esan du hizkuntza ereduak bermatu behar direla, sartu behar direla eta babestu behar direla. Eta ez hezkuntzaren eztabaidaren arrazoiei jarraituz, baizik eta beretzat politikoki hori garrantzitsua dela argudiatuz, eta EAJk markoa onartu dio». Alabaina, zuzenketaren bi bertsio ikusten ditu koalizio abertzaleak. Batetik, PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezarena. Otxandianoren esanetan, adierazi du egun bezala eutsiko dietela A, B eta D hizkuntza ereduei. Bestetik, Otxandianoren ustetan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzen bertsioa dago. Iruditzen zaio hezkuntza ereduak «eguneratzearen alde» egiten duela zuzenketak, «beste zerbait» eraiki nahi dutela, egungo ereduen bidez ezin direlako bermatu hezkuntza akordioan jasotako hizkuntza helburuak. Otxandianok eskaera argia egin du: EAJri eta PSE-EEri galdegin die bertsio bat eta bakarra ematea, «koherentea eta osoa». Gainera, lanean jarraitzeko prest agertu da Otxandiano, eta «eztabaida serioa» izan behar dela nabarmendu. EH Bilduren jarreraren inguruko azken erabakia batzar nazional batean hartuko dute.
2023-10-4
https://www.berria.eus/albisteak/233579/autoglas-glavistako-25-langile-lantegian-itxi-dira-kaleratzeak-salatzeko.htm
Ekonomia
Autoglas-Glavistako 25 langile lantegian itxi dira, kaleratzeak salatzeko
Glavistako 240 langile kaleratzeko espedientea aurkeztu zuten joan den astean epaitegietan
Autoglas-Glavistako 25 langile lantegian itxi dira, kaleratzeak salatzeko. Glavistako 240 langile kaleratzeko espedientea aurkeztu zuten joan den astean epaitegietan
Laudioko (Araba) Glavista lantegiko 240 langile kaleratzeko espedientearen aurka egiten hasi dira enpresako langileak, eta gaur horietako 25ek itxialdia egin dute lantegian. Oraintxe lantegiaren barruan daude, eta motxilekin eta lo egiteko materialarekin sartu dira. Joan den astean aurkeztu zuten epaitegietan, irailaren 30ean, 240 langile kaleratzeko espedientea, eta langileak hainbat protesta egiten ari dira. Itxialdiaz gain, bihar eta etzi 12:00etatik 14:00etara protesta egiteko bilduko dira lantegiko atarian, eta ostiralean, hilak 6, mobilizazioa egingo dute Laudion.
2023-10-4
https://www.berria.eus/albisteak/233580/laquonehor-ez-da-euskaraz-ariraquo-ehuko-irakaskuntza-fakultatean.htm
Gizartea
«Nehor ez da euskaraz ari» EHUko Irakaskuntza Fakultatean
Irulegiko Irratian duen atalean, Alex Artzelus EHUko ordezko irakasleak azaldu du euskarari dagokionez egoera «peningarria» dela irakaskuntzako ikasleen artean. «Zer euskara ikasiko dute gure haurrek euskaraz mintzatzen ez dakiten irakasleak badituzte?», egin du gogoeta.
«Nehor ez da euskaraz ari» EHUko Irakaskuntza Fakultatean. Irulegiko Irratian duen atalean, Alex Artzelus EHUko ordezko irakasleak azaldu du euskarari dagokionez egoera «peningarria» dela irakaskuntzako ikasleen artean. «Zer euskara ikasiko dute gure haurrek euskaraz mintzatzen ez dakiten irakasleak badituzte?», egin du gogoeta.
Egoera gordina deskribatu du Alex Artzelus EHUko irakaskuntzako irakasleak Irulegiko Irratian duen atalean. Etorkizuneko irakasleen irakaslea da Leioan, ordezko lanetan ari da, eta Ikastolen beharrik badea ote Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban? atalean azaldu du euskararen presentzia eskasa dela ikasleen artean: «Desgustagarri da euskarak zoin presentzia apala duen. Nehor ez da euskaraz ari kurtsoetan. Nehor ere ez. Denek elkarrekilan espainola mintzo dute, errabian. Denek». Harridura agertu du Artzelusek, eta jakin minez galdetu zien ikasleei etxean edo kalean euskaraz hitz egiten duten. Kontatu duenez, Bizkaiko herri batzuetako zenbaitek erantzun zioten euskaraz egiten dutela etxean, eta bakar batek esan ziola euskaraz egiten duela lagunekin. «Halakoa da egoera. Badira Bermeo, Elorrio eta Arantzazuren gisako herri aski ttipietako gazteak. Eta denek espainolez ari direla, omen. (...) Ahoskera ere peningarri dute; arrunt espainola. (...) Ez dute kontzientziarik, ez maitasunik». Horiek esanda, gogoeta bat plazaratzen du. «Hauek izanen dira gure etorkizuneko haurren irakasleak, eta euskararekiko amodioa transmititu behar dutela. Baina segi denak espainolez. Zonbait doi-doi ari dira euskaraz enekilan ere, espainolerat lerratu dira. Lizentzia ukan nahi dute, eta fini. Eta tristea da, baina ez dira ikasleak baizik. Erran nezake beren unibertsitateko irakasle anitzen euskara maila ere peningarri dela. Orduan, zer ikasiko dute?». Kexu da Artzelus amaieran, esaten delako Iparraldean euskara galtzen ari dela eta Hegoaldean, aldiz, euskaraz asko entzuten dela. «Gipuzkoan hein bat, menturaz. Baina Bizkaian halakoa da egoera. Eta beti eta okerragoa, erran nezake». Atalaren izenburuak laburbiltzen duen moduan, «Gipuzkoan eta Bizkaian ere» oraindik ikastolak beharrezkoak direla ondorioztatzen du. Ikusi gehiago: Entzun Irulegiko Irratian Alex Artzelusen atala Artzelusen salaketak oihartzuna izan du sare sozialetan, batik bat Irulegiko Irratiaren txioaren aipamena eginez. «Euskarak ikastolak behar ditu, baita EAEn ere», dio Inko Iriartek. «Interesgarria, kezkagarria eta oso benetakoa iruditu zait analisia. Zoritxarrez (eta tristuraz esaten dut hau) Ikastolekiko ikusten diodan federa optimistegia iruditzen zait (eta hau ez da ikastolen aurkako komentario bat)», adierazi du Aiora @probatxoa-k. «Hainbatek entzun beharko lukete Alex Artzelusek dioena eta alde batera utzi eskola publikoen eta ikastolen arteko eztabaida. Gure kontzientzia nazionala, hizkuntza eta kultura arriskuan daude», Luken Etxabek.
2023-10-11
https://www.berria.eus/albisteak/233581/ampok-energia-trantsizio-globala-bultzatzea-du-helburu.htm
albisteak
Ampok energia trantsizio globala bultzatzea du helburu
Ampo Idiazabalgo kooperatiba lider globala da energiaren sektoreko aplikazio eta industria zorrotzenetarako balio teknologiko handiko balbulak diseinatzen eta fabrikatzen, eta nazioarteko erreferentea da erabat mekanizatutako galdaketa-osagaietan 1964.urtetik.
Ampok energia trantsizio globala bultzatzea du helburu. Ampo Idiazabalgo kooperatiba lider globala da energiaren sektoreko aplikazio eta industria zorrotzenetarako balio teknologiko handiko balbulak diseinatzen eta fabrikatzen, eta nazioarteko erreferentea da erabat mekanizatutako galdaketa-osagaietan 1964.urtetik.
Energia-trantsizio globala bultzatuz, etorkizunerako energia-eredu deskarbonizatuago, jasangarriago eta eraginkorrago baten garapenaren alde lan egiten du Idiazabalgo (Gipuzkoa) Ampo kooperatibak. Ildo honetatik, erabat inplikatuta dago deskarbonizaziorako beharrezkoa den energia-trantsizioan aurrera egitea ahalbidetuko dioten soluzio berriak bilatzen eta garatzen. Horretarako, balio teknologiko handiko soluzioak garatzen ari da gaur egun; hidrogenoaren, karbono-atzipenaren, biofuelen eta fuel sintetikoen arloetan, besteak beste. Dagoeneko zenbat kontratu ditu gainera adjudikatuta, hala nola balio teknologiko handiko balbula-prototipo bat garatzeko, hidrogeno-aplikazioetarako, Norvegian, eta bioerregaien sektoreari lotutako hainbat proiektu, adibidez, Kaliforniako Rodeo findegian (Ameriketako Estatu Batuak), bioerregaiak produzitzeko instalazio baterantz birmoldatzen ari dena. Halaber, hidrogenoari dagokionez, duela gutxi I+G-ko (ikerketa eta garapena) bulego propioa ireki du Suitzan, hidrogenorako teknologien garapenean aitzindaria den hub-herrialdean. Ampo, gainera, Hidrogenoaren Europako Aliantzako eta Hidrogenoaren Euskal Korridoreko (BH2C) kide aktiboa da, eta Energy Intelligence Center-en sortzaileetako bat. Zentro hori Abanto-Zierbenako parke teknologikoan (Bizkaia) dago, 4.0 Industriara eta fabrikazio aurreratura zuzenduta dagoena, eta zeina aurtengo martxoan inauguratu zen. Halere, bezeroen deskarbonizazio-prozesua erraztuko duten soluzio teknikoak garatzeaz gain, konpainia berorren produkzio-jardueraren deskarbonizazioan aurrera egiten ari da. Horretarako, deskarbonizazio-plan bat du, lau lan-arlo hauetan banatuta: energia-efizientzia, prozesuen elektrifikazioa, energia berriztagarriak eta mugikortasun jasangarria. AMPOko teknikari bat, balbula batekin lanean. AMPO Balio erantsi handiko soluzioak Energia trantsizio alorretik haratago, azken urteotan berrikuntza alorrean egindako ahalegin handiak Ampori bidea eman dio bere bezeroei neurrira egindako sistema eta soluzio adimendunagoak eta integratuagoak eskaintzeko energiaren, kimika eta petrokimikaren eta meatzaritzaren sektoreetan, besteak beste. Sektore horietan, fidagarritasuna eta segurtasuna funtsezkoak dira. Ildo honetatik, ISS: Integrated Smart Solutions izenarekin balio erantsi handiagoko ingeniaritza-soluzio eta sistemak eskaintzen hasi zen duela urte gutxi batzuk. Ingeniaritza-soluzio horien artean, 2022an gauzatutako balio teknologiko handiko bi proiektu nabarmendu ditzakegu. Horietan, Ampok larrialdietako ISS sistema garrantzitsuak entregatu zizkien bezeroei. Sistema horiek osagai hauek zituzten: eragingailudun balbulak, HPUak (Hydraulic Power Units), PLCak (Programmable Logic Controllers), metagailuak eta balbulak monitorizatzeko sistemak. Monitorizazio sistema horiek Ampok patentatutako sistemak dira, balbulen errendimendua monitorizatzeko. Sistema horien barneko datuak eskuratzeko plataformak honako hauek eskaintzen ditu: bizi-zikloaren bermea, datuen analisiei buruzko aldizkako txostenak, balbularen egoeraren ebaluazioa, balbula mantentzeko gomendatutako ekintzak, eta abar. Ondorioz, sistema horrekin balbulen errendimendua hobetzea lortzen da digitalizazioaren bidez. Lehen aipatutako ISS proiektuetako batean, gainera, Ampok sistema osoaren instalazio prozesuan parte hartuko du 2023an, bezeroak Australian dituen instalazioetara bertaratuz. Idiazabalgo enpresak 1.000 pertsona inguruko lantaldea du eta, gaur egun, bere produkzioaren % 95 bost kontinenteetako merkatuetara esportatzen du (esportazioen % 70 Europatik kanpo). Horien artean, nabarmentzekoak dira Ameriketako Estatu Batuak, Txina, Japonia, Hego Korea, India, Ekialde Ertaina, Australia eta Europako herrialde gehienak. Eta egungo bezero-zorroaren barruan energia-sektoreko enpresa handiak ditu, hala nola Cheniere, Exxon, Aramco, Bechtel, Hyundai, Tecnicas Reunidas, Repsol, eta abar.
2023-10-4
https://www.berria.eus/albisteak/233582/auzmendi-bekaren-bigarren-deialdiak-hobekuntza-pedagogikoan-jarriko-du-arreta.htm
Gizartea
Auzmendi bekaren bigarren deialdiak hobekuntza pedagogikoan jarriko du arreta
Proposamenak 2023ko abenduaren 1a bitartean igortzen ahalko dira, eta irabazleak 12.000 euro jasoko ditu.
Auzmendi bekaren bigarren deialdiak hobekuntza pedagogikoan jarriko du arreta. Proposamenak 2023ko abenduaren 1a bitartean igortzen ahalko dira, eta irabazleak 12.000 euro jasoko ditu.
Joxe Mari Auzmendi hezkuntza bekaren bigarren deialdia aurkeztu dute gaur Hernaniko Udalak (Gipuzkoa) eta Hik Hasi egitasmoak. Ainhoa Azpirotz Hik Hasi egitasmoko arduradunak adierazi duenez, aurtengo deialdiak hobekuntza pedagogikoan eta ikerketan jarriko du arreta: «Bekara aurkeztuko diren proiektuek ikastetxeei hobekuntzan eta eraldaketa pedagogikoan laguntzea nahi dugu, eta, horretarako, ikerketa bat egitea eta horren ostean bide orri bat eskaintzea hobetsiko da». Hala, «eraldaketa prozesuetan dabiltzan edo hasi nahi duten ikastetxeei helduleku bat» eman nahi diete. Euskal Herrian «hezkuntza hobekuntzan» lan egiten duten horiei dago zuzenduta: ikerlariei, ikerketa taldeei, pedagogoei, hezitzaile taldeei nahiz unibertsitateei. Proposamenak 2023ko abenduaren 1a bitartean aurkezten ahalko dira, eta, lan guztiak aztertu ostean, urtarrilaren 8an jakinaraziko da nork irabazi duen. Beka 12.000 eurokoa izanen da, eta proiektua bi urteko epean gauzatu beharko da. Axier Mingo Hernaniko Hezkuntza zinegotziak bekaren garrantzia azpimarratu du: «Joxe Marirengandik denok edan dugu Hernanin. Hezkuntzan gauzak beste modu batera egiteko aukerak daudela erakutsi zigun, eta hezkuntza eta hezkuntza egiteko beste modu horiek udalaren agendan jarri zituen. Udalarentzat garrantzitsua da beka hau, eta urte askoan mantendu nahiko genuke».
2023-10-4
https://www.berria.eus/albisteak/233583/gorronok-ez-du-gernikako-alkatetza-utziko-ordezkoa-anaia-izango-dela-bermatu-arte.htm
Politika
Gorroñok ez du Gernikako alkatetza utziko ordezkoa anaia izango dela bermatu arte
Guztiontzako Herria plataformak leporatu dio EAJri akordioa bete ez izana, eta, hori egin bitartean, alkatetzan jarraitzeko eskatu dio Gorroñori.
Gorroñok ez du Gernikako alkatetza utziko ordezkoa anaia izango dela bermatu arte. Guztiontzako Herria plataformak leporatu dio EAJri akordioa bete ez izana, eta, hori egin bitartean, alkatetzan jarraitzeko eskatu dio Gorroñori.
Gernika-Lumoko alkatetzaren inguruko polemikak ez du akaberarik, eta beste norabide bat hartu du orain. Udal hauteskundeen ostean, Jose Maria Gorroño buru duen GH Guztiontzako Herria plataformak eta EAJk akordioa egin zuten EH Bildu alkatetzatik aldentzeko. Akordio horren arabera, Gorroño alkatea izango zen behin-behinean, baina aste gutxiren buruan dimisioa emateko konpromisoarekin. Alkate izendatzeko egindako bilkuran, Gorroñok ez zuen zehaztu dimisioa noiz emango zuen, baina «hilabete bat edo bi hilabete» aipatu zuen epe gisa, nahiko modu lausoan, eta iragarri zuen ordezkoa Iñaki Gorroño anaia izango zela. Baina, geroztik, hiru hilabete eta erdi igaro dira, eta Gorroñok alkate da oraindik ere. Tarte honetan, EAJren alkategai Xabier Irazabalek behin baino gehiagotan eskatu dio Gorroñori dimisioa eman dezala, eta esan du GHrekin izandako negoziazioetan ez zutela zehaztu alkate berria Iñaki Gorroñok izan behar zuenik. Orain, GHk adierazi du EAJren jarrera horrek «zalantzan» jartzen duela ekainean lortutako akordioa, eta, ondorioz, alkatetzan jarraitzeko eskatu diote Gorroñori: «Jose Mariri [Gorroño] eskatzen diogu Gernika-Lumoko alkate kargua uzteko duen asmoari uko egiteko, eta gaur egun duen kargua betetzen jarraitzeko, uste baitugu pertsona egokia dela gure udalerriak aurrera egiteko behar dituen proiektuak martxan jartzeko». Plataformaren ustez, Gorroñok alkatetzari eutsi beharko lioke «bere ondorengoa Iñaki Gorroño izango dela argitu bitartean». EH Bilduk «seriotasuna» eskatu du EH Bilduk «salbuespen egoeratzat» jo du herriak pairatzen duen «desgobernu eta paralisia», eta esan du horren arduradunak direla «inbestidura itun hutsala sinatu zutenak gobernu akordiorik gabe, proiekturik gabe, eta EH Bilduri ateak ixteko helburu bakarrarekin». Egoera horretatik ateratzeko «seriotasuna» eskatu du koalizioak, eta iragarri du prest dagoela adostasunera iristeko «herri honen etorkizunaz hitz egin nahi duten guztiekin, inori betorik ipini gabe eta inor baztertu gabe». Konpromisoa hartu du «akordio zabalen eta elkarrizketa demokratikoen bideari» eusteko, «agintean egon zein oposizioan egon». Maiatzeko hauteskundeetan EH Bildu izan zen garailea Gernika-Lumon, eta sei zinegotzi lortu zituen. GHk ere sei zinegotzi eskuratu zituen, boto gutxiagorekin, eta EAJk, berriz, bost.
2023-10-4
https://www.berria.eus/albisteak/233584/puntu-kuantikoen-aurkitzaileek-jaso-dute-kimikako-nobel-saria.htm
Gizartea
Puntu kuantikoen aurkitzaileek jaso dute Kimikako Nobel saria
Moungi Bawendik, Louis E. Brusek eta Alexei Ekimovek jaso dute saria. Aurkitu dituzten puntu kuantikoei esker garatu dira telebistaren pantailak eta LED bonbillak, eta minbiziaren aurkako kirurgia garatzen lagun dezaten espero da.
Puntu kuantikoen aurkitzaileek jaso dute Kimikako Nobel saria. Moungi Bawendik, Louis E. Brusek eta Alexei Ekimovek jaso dute saria. Aurkitu dituzten puntu kuantikoei esker garatu dira telebistaren pantailak eta LED bonbillak, eta minbiziaren aurkako kirurgia garatzen lagun dezaten espero da.
Suediako Zientzien Errege Akademiak Kimikako Nobel saria eman die gaur Moungui Bawendi, Louis Brus eta Alexei Ekimov ikerlariei. Puntu kuantikoak aurkitu eta sintetizatu dituzte, eta, horri esker, elektrizitatearen eremuan zein medikuntzan erabilgarriak diren propietateak lortu dituzte. Elektroiak biltzen dituzten nanokristalak dira puntu kuantikoak, eta telebisten pantailak eta led argiak garatzeko erabil daitezke haien propietateak. Pantailetan eta bonbilletan ez ezik, minbiziaren diagnostikoan eta tratamendu esperimentalean ere erabilgarriak izan daitezkeela ondorioztatu dute. Alexei Ekimovek ikusi zituen lehenengo aldiz puntu kuantikoak kristaletan, 1981ean. Horiek argiaren edo elektrizitatearen bidez estimulatzean, elektroiek energia gehiago hartzen dute. Eta elektroiak hasierako egoerara bueltatzen direnean, puntu kuantikoek distira sortzen dute. Sortzen den argi horren kolorea nanokristalaren tamaina, konposizioaren eta formaren araberakoa da. Puntu kuantikoak manipulatzen ikasi zuten Brusek eta Bawendik, eta, epaimahaiaren iritziz, «aurrerakuntza garrantzitsua izan da, gainerako Kimika Nobel sariak bezala, nanomundua ezagutzeko». Sari banaketan, galdera batzuk telefonoz erantzun ditu Bawendik, eta oraindik nanoteknologiaren «hastapenak» ikusten ari direla azpimarratu: «Irrikan nago ikusteko komunitate zientifikoak zer aplikazio aurkituko dituen etorkizunean». Kimikako Nobel saridunak behar baino lehenago jakinarazi ditu Akademiak, ustezko filtrazio baten bidez. Prentsa suediarrak gaur goizean jasotako oharrean eman die erakundeak saridunen berri, epaimahaiak erabakia ofizialki hartu baino lehen, Dagens Nyheter egunkari suediarraren arabera. Johan Aqvist biokimikari eta Akademiako batzordeko presidenteak, ordea, informazio hori ukatu du Reuters agentzian, filtrazioa egin eta minutu gutxira: «Suediako Zientzien Errege Akademiaren hutsegitea izan da. Gure bilera 09:30ean hasten da, eta, beraz, oraindik ez da erabakirik hartu. Irabazleak ez dira aukeratu».
2023-10-4
https://www.berria.eus/albisteak/233585/amiantoaren-funtsa-ez-da-indarrean-sartu-oraindik.htm
Ekonomia
Amiantoaren funtsa ez da indarrean sartu oraindik
Sindikatuek eta biktimek elkarteek salatu dute Espainiako Gobernuak eman nahi dituen kalte ordainak ez direla legean adostutakoak.
Amiantoaren funtsa ez da indarrean sartu oraindik. Sindikatuek eta biktimek elkarteek salatu dute Espainiako Gobernuak eman nahi dituen kalte ordainak ez direla legean adostutakoak.
CCOO eta UGT sindikatuek eta Amiantoaren Biktimen Elkarteen Federazioak (Fedavica) salatu dutenez, Espainiako Gobernua amiantoaren biktimentzako konpentsazio funtsa indarrean jartzeko epeak urratzen ari da. Horrekin batera, salatu dute gobernuak eman nahi dituen kalte ordainak ez direla legean adostutakoak. Agiri bateratu batean azaldu dute gobernuak oraindik ez duela indarrean sartu legea garatzen duen erregelamendua. Legea 2022ko urrian onartu zen, eta aspaldi gainditu zen horretarako zuen 90 eguneko epea. Gizarte Segurantza Ministerioak egina du proiektu bat, baina, salatu dutenez, «legearen espirituaren kontra» doa, besteak beste, oso kalte ordain ekonomiko urriak jasotzen dituelako. «Proiektuan proposatutako zenbatekoak bide judizialetik lortzen ari diren kalte ordainak baino askoz ere txikiagoak dira. Baita beste kolektibo batzuei ematen zaizkienak baina txikiagoak ere, hala nola terrorismoaren, GIBaren eta talidomidaren biktimei ematen zaizkienak baino». Salatu dute, halaber, amiantoaren kalte-ordainetan PFEZ zerga ordaindu behar dela, beste kasuetan ez bezala. Haien ustez, horrek amiantoaren biktimak «diskriminatzea» eta «bigarren mailako biktimatzat» jotzea dakar. Era berean, esan dute «onartezina» dela erregelamenduak azken urteetan hildako biktimen senideak kontuan ez hartzea eta haiei kalte ordainetarako eskubiderik ez aitortzea. Beasaingo CAF Bilboko Epaitegiak ebatzi du Sidenorrek eta Cofivacasa enpresa publikoak 156.872 euro ordaindu beharko dizkiotela amiantoaren ondorioz hil zen langile baten familiari, Asviamie amiantoaren biktimen elkarteak jakinarazi duenez. Langileak Echevarria SA enpresan lan egin zuen 1972tik, eta gero Sidenorren, 2010era arte, erretiroa hartu zuen arte. 2018an hil zen. Epaiketan Sidenorrek uko egin zion familiarekin akordio bat egiteari. Amiantoaren gaiarekin lotuta, Elena Perez Barredo Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordeak aitortu du Osalanek Beasaingo CAFen uda honetan gertatutakoaren berri izan zuela prebentzio ordezkari batek deitu ostean, abuztuaren 25ean. Birmoldaketa lan batzuetan amiantoa aurkitu zuten lantegiko hiru nabetan, eta irailaren hasieratik daude itxita. Ostegun honetan parte hartu du Barredo Eusko Legebiltzarrean, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek eskatuta. Barredok azpimarratu du Osalanek «egoki» jokatu zuela, gertatukoaren berri izan bezain laster jardun zuela.
2023-10-4
https://www.berria.eus/albisteak/233586/gazte-topagune-sozialistako-egitaraua-moldatu-dute-gksk-eta-iak.htm
Politika
Gazte Topagune Sozialistako egitaraua moldatu dute GKSk eta IAk
Urriaren 13an eta 14an egingo dute, Atarrabian eta Burlatan. EH Bilduri eta Sorturi egotzi diete ekitaldia «debekatu» nahi izatea.
Gazte Topagune Sozialistako egitaraua moldatu dute GKSk eta IAk. Urriaren 13an eta 14an egingo dute, Atarrabian eta Burlatan. EH Bilduri eta Sorturi egotzi diete ekitaldia «debekatu» nahi izatea.
Gazte Topagune Sozialistaren egitaraua moldatu dute Gazte Koordinakunde Sozialistak eta Ikasle Abertzaleek, Atarrabiako eta Burlatako (Nafarroa) udalek hura egiteko baimena ukatu ostean. Bi eragileek EH Bilduri eta Sorturi egotzi diote topagunea «debekatu» izana, baina azaldu dute udalerri horietan egiteko asmoari eutsiko diotela, nahiz eta egitaraua murritzagoa izan: urriaren 13an eta 14an egingo dute. Urriaren 11tik 15era bitarte egingo zen ekinaldi baten berri eman zuen GKSk eta Ikasle Abertzaleek uztailean, baina ez dute Atarrabiako eta Burlatako udalen baimenik eskuratu horretarako. Atarrabiako Udalak argudiatu zuen bizilagunekin adostua duela udalerri hartan urtean jaialdi bakarra egitea (Hatortxu Rock), eta gaineratu bi eragileek udalaren baimena eskuratu gabe eman zutela topagunearen berri. Antolatzaileen arabera, ordea, eurek bazuten udalen «ahozko baimena», baina EH Bilduk eta Sortuk atzera bota nahi izan dute ekitaldia. Are gehiago, argudiatu dute ez zuketela eginiko «lan eta diru inbertsioa» egingo jakin izan balute ez zutela horretarako baimenik. Era berean, nabarmendu dute topagunea ez dela «makrojaialdi» bat, gazteek «kontzientzia politikoa pizteko eta pentsamendu kritikoa sustatzeko elkargune bat» baizik. Egitarau berriarekin, GKSk eta IAk «herriko egunerokotasuna ez oztopatzeko» konpromisoa adierazi dute, eta nabarmendu «izaera politikoko egitaraua» izango duela. Gaueko ekitaldiei dagokienez, udalari leporatu diote modurik ez eman izana kontzertuak egiteko «baldintza egokiak» izateko, eta jakinarazi dute horiek murriztu eta lekuz aldatu dituztela, «herritarrak kontuan hartuta». Urriaren 13ko arratsaldean ekingo diote egitarauari, Burlatan. 18:00etan hiru hitzaldi egingo dituzte: gazte eta ikasleek «sozialismoaren eraikuntzarako» dituzten erronkak, «militantzia komunistarako» eredua eta «proletarizazio prozesua eta ziklo aldaketa politikoa» hizpide. Ondoren, manifestazio bat egingo dute, Topagune Sozialistari debekurik ez! lelopean, eta kontzertuak gauean. Hurrengo goiza «estrategia sozialista berriari» buruzko hitzaldi batekin hasiko dute, eta beste manifestazio bat egingo dute gero; oraingoan, Atarrabian. Bazkariaren ostean, kontzertuen txanda izango da, Totem aretoan.
2023-10-4
https://www.berria.eus/albisteak/233587/laquoeuskararen-ofizialtasuna-aldarrikatzeraraquo-hots-egin-dute-nafarroa-oinez-en-antolatzaileek.htm
Gizartea
«Euskararen ofizialtasuna aldarrikatzera» hots egin dute Nafarroa Oinez-en antolatzaileek
Heldu den igandeko festa aurkeztu du Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolak
«Euskararen ofizialtasuna aldarrikatzera» hots egin dute Nafarroa Oinez-en antolatzaileek. Heldu den igandeko festa aurkeztu du Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolak
Nafarroa Oinez ospatzeko modu bakarra ez, «hamaika» direla gogorarazi dute gaur Andra Mari ikastolako arduradunek. Igandean eginen dute festa Etxarri Aranatzen (Nafarroa), baina aurretik ere aukera izanen da egitarau zabal batez gozatzeko. Gaur aurkeztu dituzte egitaraua, ibilbidea eta festaren nondik norakoak, Iruñean. Egitaraua «ilusio handiz» osatu dutela azaldu du Nafarroa Oinez-en Jarduera Batzordeko arduradun Maider Ansak: «Denontzat gozagarri izanen den jarduera andana prestatu dugu; adin guztietako jendearentzat espazio eta jarduerak biltzen dituen egitarau zabala eskaini nahi dugu, ondo baitakigu Nafarroa Oinez bizitzeko hamaika modu daudela». Bereziki zaindu dute haurrentzako programazioa, eta jolas gune ugari paratu dituzte ibilbidean. «Ibilbide osoan, erraldoiak, ipuin kontalariak eta pailazoak izanen dira, eta, Utzubar Txiki gunean, Haurren Hiria eratuko da, birziklatutako osagaiekin egindako txokoa, haurrek material ezberdinekin esperimentatzeko aukera izan dezaten», esan du Ansak. Hiru gune eta egitarau oso bat Ibilbidea ia hiru kilometro luze da eta hiru gunetan banatuta egongo da. Hirurak, herrian bertan: Utzubar Txiki, Arluzepe eta Batzeta. Horietan, zuzeneko musika emanaldiak izanen dira: besteak beste, Trikiteens, Nafarroa 1512, Gozategi, Alerta Gorria, Trikidantz, Alarma Morea, DJ Bull eta The Potes taldeak ariko dira oholtza gainean. «Gainera, aurtengo Nafarroa Oinez-en abestiaren musikagile Joseba Tapia zuzenean ikusi eta entzuteko parada izanen da». Zuzeneko musikarekin gozatzeaz gain, gazteek Erronkan parte hartu ahal izango dute. «Nafarroako 11 ikastolatako ehundik gora ikaslerentzat prestatuko jolas erraldoia da Erronka, euskara eta ohitura osasuntsuak sustatzeko asmoz egina. Erronkalariek, gunez gune, hainbat kirol ekintza, oztopo eta trebetasun proba gainditu beharko dituzte», azaldu dute antolatzaileek. BERRIA, festarekin bat Urtero bezala, BERRIAk bat eginen du Nafarroa Oinez festarekin, eta hainbat jarduera antolatu ditu, Andra Mari ikastolarekin elkarlanean. Larunbatean, esate baterako, Oinez-en bezperako jaialdia eginen dute herriko plazan, 16:30ean. Pontx pailazoa igoko da taula gainera, haur eta helduak gozarazteko. Igandean, berriz, Erronka jolasa prestatu du BERRIAk. Utzubar Txiki gunean izanen da, 11:00etatik 14:00etara. Bestalde, Lur Korta ipuinak kontatzen ariko da Batzeta gunean, 12:00etatik aurrera. Euskararen ofizialtasuna aldarri Andra Mari ikastolako antolatzaileek azaldu dute igandekoa, festaz gozatzeko eguna izateaz gain, «aldarrikapenak zabaltzekoa» ere izanen dela. «Euskarari bultzada emateko eguna izanen da, baita oinarrizko aldarrikapen bati oihartzuna ematekoa: euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora zabaltzearena, euskaldun guztien hizkuntza eskubideak lurralde osoan errespeta daitezen», azaldu du ikastolako zuzendari Iñigo Orellak. «Ikastolen izaera publikoa aldarrikatzearekin batera, gure hezkuntza proiektu kalitatezkoa eta eraldatzailea plazaratu nahi dugu Nafarroa Oinez festan ere, aniztasunari eta inklusibotasunari garrantzi berezia emanez», gehitu du. «Izan ere, gure helburu nagusietako bat da ikasle mota guztiei heziketarik onena eskaintzea, behar klase guztiei erantzunez; eginkizun hori betetzeko daukagun baliabide falta agerian utzi nahi dugu igandeko festan». Garraioari buruzko jarraibideak Etxarri Aranatzera iristeko moduari dagokionez, ahal den neurrian garraio publikoa erabiltzera animatu du Andra Mari ikastolak: «Trena aukera ona da. Etxarriko tren geltokitik Nafarroa Oinez-en ibilbidera 200 metro baino ez daude. Gainera, Renfek ordutegi berezia eskainiko du igandean». Trenen ordutegiak ikusgai izanen dira Nafarroa Oinez-en webgunean. Autobusez doazenentzat, aparkaleku bereziak atonduko dituzte Zumurdineta industrialdean, bigarren eta hirugarren guneen artean, ibilbidetik 200 metrora. «Herrira autoz etorriko diren horientzat guztientzat ere gauzak errazten saiatu gara, edozein norabidetatik datozen ibilgailuentzat sarrerak eskainiz, eta aparkalekuak hiru guneetatik gertu jarriz. Honi buruzko informazioa, aplikazioan, webgunean eta sare sozialetan aurkitu daiteke». Autokarabanek aparkatzeko gune propioa izango dute, herriko erdigunetik gertu.
2023-10-4
https://www.berria.eus/albisteak/233588/foru-hobekuntzaren-erreforma-aztertzeko-lantaldea-osatuko-dute.htm
Politika
Foru Hobekuntzaren erreforma aztertzeko lantaldea osatuko dute
PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak lantaldea sortzeko eskaera erregistratu dute asteon
Foru Hobekuntzaren erreforma aztertzeko lantaldea osatuko dute. PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak lantaldea sortzeko eskaera erregistratu dute asteon
Azkenean. Asteon, PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak lantaldea osatzeko eskaera erregistratu dute parlamentuan. Kostatu da, baina. 2019ko akordio programatikoan jaso zen Foru Hobekuntzaren berritzea aztertzeko lantalde bat sortuko zela, baina azkenean ez zen ezer egin. 2021ean Foru Komunitatearen egoerari buruzko eztabaidaren testuinguruan lantaldea sortzeko konpromisoa onartu zen gehiengoz Nafarroako Parlamentuan, baina azkenean ez zen ezer egin. Iaz, estatutuaren 40. urteurrenean testuinguruan, aukera hori aipatu zen berriz baina azkenean ez zen ezer egin. Legealdi honi begirako akordio programatikoan, berriro ere ekinaldi hori abiarazteko asmoa jaso zen, eta inbestidura saioan Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak konpromiso publiko hori hartu zuen. Oraingoan, alta, sozialistek ezin izan dute gai hori gehiago atzeratu. Lehen urratsa baino ez da, eta oraindik bere bidea egin beharko du. Lehenik, datorren asteleheneko Parlamentuko Mahaiko eta Eledunen Batzordeko bilkuran bide emango zaio eskaerari. Handik, Foru Erregimeneko batzordera pasako da eskaera, eta haren esku egongo da lantaldea sortu edo ez. Sinatzaileek gehiengoa dutenez ez luke arazorik egon behar. Behin lantaldea osatzen denean, bertan parte hartuko dutenek aztertuko zer egutegi izango duen. Luze jo dezake eztabaidak, baina behingoz proposamenak jasotzeko eta entzuteko foroa sortzeko urratsa egin da. Ikusi gehiago: XXI. menderako akordioaren bila Eskaeran jasotzen denez, egungo Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko 13/1982 Lege Organikoaren berritzea aztertuko du lantaldeak , «XXI. mendeko herritar nafarren errealitate sozialera egokitzeko asmoz». Testuak gogorarazten duenez, iaz 40 urte bete ziren Nafarroako legediaren eta instituzioen oinarri den lege hori indarrean sartu zenetik. Zehazki, 1982ko abuztuaren 10ean jarri zen abian, nafarren artean haren edukiari buruzko erreferendumik egin gabe. Eskaerak gogora dakar, halaber, 2021eko azaroan, Nafarroako Parlamentuko gehiengoak ebazpen bat onartu zuela: duela bi urteko beste agiri hark zioen lantaldea bultzatu behar zuela legebiltzarrak, eta talde guztiek izango zutela tokia. 2004ko aurrekaria Ez da halako lantalde bat osatzen den lehen aldia parlamentuan. Seigarren legealdian, 2004tik 2005era bitartean, lanean aritu zen autogobernuaren lantaldea. Mahai haren bueltan entzun ziren Foru Hobekuntzaren berritzeari buruzko proposamenak. Ekinaldi hark porrot egin zuen, orduko alderdiak ez baitzen gai izan ados jartzeko. Hemeretzi urte iragan dira geroztik. Normala denez, ordukoaren bestelako osaera du egungo parlamentuak, baina funtsean, alderdi nagusiak modu batera edo bestera ordezkatuta daude. Ikusi beharko da zer jarrera eta proposamen ekartzen dituen talde bakoitzak. Eskuinari dagokionez, litekeena da zalaparta handia eragitea lantaldeak berak. Proposamenei dagokionez, 2004ko lantaldean UPNk eskaera bakarra jarri zuen mahai gainean: Foru Hobekuntzaren bigarren xedapen gehigarriak ezartzen du Nafarroako Parlamentuaren esku dagoela dagoela Konstituzioko laugarren xedapen iragankorra aktibatzea; Nafarroak euskal estatutuarekin bat egiteko aukera jasotzen duena, alegia. UPNk proposatu zuen hori indargabetu behar zela. Iaz, BERRIA-k erreformaren aukerari buruz galdetu zionean, UPNk onartu zuen ez diola erreparorik eztabaidari, baina azpimarratu zuen alderdi abertzaleen asmoak geldiaraztea dela euren helburua. «Esparru juridikoa aldatu nahi dute Espainiarekin erlazioak aldatzeko, Nafarroak Euskadirekin bat egiteko eta Espainia hausteko». Beste behin, berretsi zuten Konstituzioko laugarren xedapen iragankorra eta Foru Hobekuntzako bigarrena xedapena indargabetu nahi dituztela. PSNk, berriz, ahal duen bakoitzean oso argi utzi nahi izan du erreforma oro «Espainiako Konstituzioaren barruan» egin behar dela. 40. urteurrenaren ekitaldi ofizialetan zein abuztuko inbestidura saioan, Txibitek ideia hori azpimarratu nahi izan du. Gainera, oraindik orain, Foru Hobekuntzan jasotako eskumen guztiak garatu gabe daudenez, Txibitek azaldu du oraindik ere bide horretan aurrera egiteko tartea geratzen dela. Anbizioa eta erreferenduma EH Bildu eta Geroa Bai izan dira eztabaida politiko hori bultzatu duten bi indar nagusiak. Duela hemeretzi urte ere hala gertatu zen. Legealdi hartan Batasuna legez kanpo zegoen eta ezker abertzaleak ez zuen parte hartu, baina egun EH Bilduren parte den Aralar izan zen proposamen ugari egin zituen alderdietako bat. Bestea Eusko Alderdi Jeltzalea izan zen. Orain EH Bilduren eta Geroa Bairen txanda iritsiko da. Duela urtebete, erreformaz galdetuta, Geroa Baiko Uxue Barkosek nabarmendu zuen «anbizioz» jokatu behar dela eta zaila izanagatik ere, «ahalik eta akordio zabalena» lortu behar dela. EH Bilduko Adolfo Araizek, berriz, adierazi zuen ez diotela uko egin estatusa aldatzeari eta argi utzi zuen zein den eurentzat ezinbesteko baldintza: edozein aldaketa orokor erreferendum bidez berrestea. 1982an egin ez zena zuzentzea, alegia.
2023-10-5
https://www.berria.eus/albisteak/233589/migrazio-krisietan-neurri-zorrotzagoak-hartu-ahalko-dituzte-ebko-estatuek.htm
Mundua
Migrazio krisietan neurri zorrotzagoak hartu ahalko dituzte EBko estatuek
Besteak beste, asilorik lortzen ez duten migratzaileak denbora luzeagoan eduki ahalko dituzte atxilo. Europarlamentuak izango du azken hitza, 2024an.
Migrazio krisietan neurri zorrotzagoak hartu ahalko dituzte EBko estatuek. Besteak beste, asilorik lortzen ez duten migratzaileak denbora luzeagoan eduki ahalko dituzte atxilo. Europarlamentuak izango du azken hitza, 2024an.
EB Europako Batasuneko estatu kideetako Barne ministroek hiru urte eman dituzte blokeko migrazio eta asilo legeen erreformak eztabaidatzen. Azkenean, atzo adostu zuten Migraziorako Itunean negoziatzeko falta zuten azken puntua, hain zuzen, migrazio krisi posible bati aurre egiteko nola jokatu zehazten duena. Edonola ere, ez zuten EBko Barne ministroek adostu, estatu kideetako enbaxadoreek baizik, Bruselan. Hala, estatu kideetako gobernuek baimena izango dute krisi posible batean neurri «zorrotzagoak» hartzeko. Horien artean, adibidez, beren eskaerak aztertzen ari diren bitartean asilo eskatzaileek mugan luzaroago egon behar izatea; eta, itzulera prozesua amaitu arte, asilorik lortzen ez duten migratzaileak luzaroago atxilo izatea —hamabi asteetakoa da egun epea—. Era berean, adostutako erreformak nolabait kolokan jartzen du aurrekoa. Joan den ekainean adostutako neurriak migratzaileei eta asilo eskatzaileei erantzun bat ematera behartzen zituen talde komunitarioko gobernuak. Bi aukera aurkeztu zituzten: kontinentera iristen ziren 30.000 asilo eskatzaile urtero euren artean banatzea, eta, bestela, ukatzen zuten iheslari bakoitzeko 20.000 euro ordaintzea. Migrazio krisi bati aurre egiteko, ordea, krisia jasaten ari den estatuak aukera du estatu kide bati laguntza eskatzeko, baina estatu horrek ahalmena izango luke lagundu edo ez erabakitzeko. Eta laguntzekotan, hori egiteko hiru modu zehaztu dituzte dokumentuan: iheslari batzuei euren herrialdean asiloa ematea, krisia jasaten ari den estatuari asilo eskatzaileen izapideak tramitatzen laguntzea, eta, azkenik, laguntza ekonomikoa ematea. Edonola ere, hiru neurri horietako bat abian jarri baino lehen, Europar Kontseiluak onartu egin beharko du. Migrazio krisi posible bati nola erantzun zehazteaz aparte, kontzeptu hauxe gehitu dute dokumentuan: migrazioaren instrumentalizazioa. Hori egitea litzateke, adibidez, herrialde bat «ezegonkortzeko» asmoarekin, herrialde horretara milaka migratzaile bidaltzea. Italiak hala eskatuta gehitu dute kontzeptua. Eta horren harira, beste eskaera bat ere egin du Erromak, zera: giza laguntza ematen duten GKE gobernuz kanpoko erakundeak, instrumentalizazio horren saiakeratzat jotzea. Zenbait GKEk salatu dute neurri horiek «migrazioaren krisia bera baino eskala handiagoko krisi bat» eragin zezaketela. Batez ere, iheslariak mugan geldi edo atxilo «denbora luzez» izaten badituzte. Baina Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenen arabera, «iraultzailea» da EBk adostutako Migraziorako Ituna. Bide luzeko negoziazioak Tirabira handiko egunen ondoren iritsi da akordioa. Espainiako jarduneko Barne ministro Fernando Grande-Marlaskak jakinarazi zuenez, joan den astean dagoeneko ados zeuden blokeko ia barne ministro guztiak. Baina Italiako Barne ministroak dokumentua blokeatu zuen behin-behinean, akordioa bere gobernuko kideei aurkeztu, eta horiek baiezkoa eman arte. Hain justu, EBko migrazioaren aferaren erdigunean dagoen herrialdeetako bat da Italia. Azken asteotan ehunka migratzaile iritsi dira hango Lampedusa uhartera; eta, oraingoz, iritsierek ez dute ia etenik. Auzi horren harira, Italiak Alemaniarekin egin du talka negoziazioetan, Olaf Scholz buru duen gobernuak finantzatu egiten baititu erreskate horietan parte hartu duten zenbait erakunde. Azkenean, bai Alemaniak, bai Italiak, baiezkoa eman diote erreforma sortari. Baina kontra bozkatu dute Hungariak eta Poloniak —ekainean onartutako erreformen bozketan ere hala egin zuten—, eta abstenitu egin dira Austria, Txekiar Errepublika eta Eslovakia. Edonola ere, oraingoz, ituna ez da behin betikoa. Europako Parlamentuari aurkeztea da eman beharreko hurrengo pausoa; gero, eztabaidak hasiko dituzte, eta, azkenik, erreformak bozkatuko dituzte; ziurrenik, 2024an.
2023-10-4
https://www.berria.eus/albisteak/233590/festen-gaurkotu-bat-taulara.htm
Kultura
‘Festen’ gaurkotu bat taulara
Thomas Vinterberg zinemagilearen ‘Festen’ filmean oinarritutako antzezlana estreinatuko du ostiralean Bilboko Arriaga antzokiak. Maria Goirizelaiak zuzendu du obra, eta Kepa Errastik ekarri du euskarara.
‘Festen’ gaurkotu bat taulara. Thomas Vinterberg zinemagilearen ‘Festen’ filmean oinarritutako antzezlana estreinatuko du ostiralean Bilboko Arriaga antzokiak. Maria Goirizelaiak zuzendu du obra, eta Kepa Errastik ekarri du euskarara.
«Barrutik ustelduta dagoen ustezko familia perfektua erakusten du Festen antzezlanak, oso modu gordinean». Thomas Vinterberg zinemagile danimarkarraren filmik ezagunenetako bat eszenaratzeko lanetan dabil Maria Goirizelaia zuzendaria egunotan, Bilboko Arriaga antzokian. Pieza hori da antzokiaren denboraldi honetako ekoizpen propio nagusia, eta hamar laguneko lantaldea egongo da oholtza gainean. Ostiralean estreinatuko dute euskaraz, eta handik hilabetera emango dute gaztelaniaz. Berez, 1998. urtean estreinatu zuen izen bereko filma Vinterbergek. «Bere garaian asko hunkitu ninduen filmak; iraultza bat ekarri zuen, eta ekoizpen hau ere bide beretik joango dela iruditzen zait», nabarmendu du Calixto Bieito Arriaga antzokiko zuzendariak. Zinemagilearen ibilbideko lanik esanguratsuenen artean dagoela diote dute aditu askok, eta sari ugari ere eskuratu zituen. Tartean, 1998ko Cannesko Zinemaldiko Epaimahaiaren Saria. «Ikuskizun basati bat da», aurreratu du Goirizelaiak. Hainbat urteren ondoren, gurasoen etxera itzuliko da Jon, aitaren 60. urtebetetzea ospatzera. Han daudela, baina, lehertu egingo da festa, filmean bezala: Jonek familia osoaren aurrean salatuko du umetan aitak sexu abusuak egin zizkiela berari eta zendutako arreba bikiari. Hipokrisia, sexu abusuak, boterea, familia eta haren balioak izango dira, besteak beste, antzezlanaren bidez jorratuko diren gaietako batzuk. «Familia askotan oraindik ere isilean mantentzen den zorigaiztoko gertaera bat dago obraren oinarrian. Nolabaiteko salaketa bat da», kontatu du antzezlaneko zuzendariak. Egoitz Sanchez aktoreak jokatuko du pertsonaia nagusiaren rola euskarazko bertsioan, eta bederatzi aktore izango ditu ondoan: Mikel Martinez, Lander Otaola, Ane Pikaza, Ione Irazabal, Nagore Gonzalez, Olatz Ganboa, Aitor Borobia, Kepa Errasti eta Loli Astoreka. Horiez gainera, Aiala Mariño Jauregi gaztea ere agertuko da tarteka agertokian. «Oso obra korala da, aktore guztiok gaude une oro eszenatokian, eta, azken batean, denon artean atera dugu obra aurrera», adierazi du Sanchezek. Aktoreen ausardia nabarmendu du Goirizelaiak: «Festen ausardia eskatzen duen ikuskizun bat da, eta oholtza gainean gertatzen den guztiak benetakoa izan behar du. Horixe izan da helburu nagusia: dena orainaldian gertatzea, eta ikuslea ere horren parte izatea». Era berean, obraren erritmoa ere nabarmendu nahi izan du Sanchezek: «Oso gauza serioez hitz egiten da antzezlanean, baina dinamismo handia du, kontrastez beteta dago. Uste dut publikoaren kontzientziak astintzeko balioko duela». Kamera bat eszenatokian Aktoreez gainera, kamera eskuan duen pertsonaia bat ere egongo da antzezlan osoan taula gainean: Rut Briones, Gheada ikus-entzunezko estudioko kidea. Zinemagileak filmean erabilitako Dogma 95 mugimenduaren «espiritua» gogora ekartzeko asmoz egingo dute hori, Goirizelaiaren hitzetan. Zuzenean grabatzen arituko da Briones, eta irudi horiek agertokiaren atzealdeko pantaila erraldoian proiektatuko dira. «Ikusleentzat begi bistan geratzen ez diren xehetasunak erakutsiko dira pantailan, baita ikusleek zuzenean ikusten ez dituzten eszenak ere», aurreratu du. Goirizelaiak Lucia Astigarragarekin batera egin du testuaren moldaketa. Filma izan da, bereziki, obraren abiapuntua, baina aurrez eginda zeuden bi antzerki testu ere izan dituzte oinarri gisa: ingelesez zegoen bata; frantsesez bestea. «Horietatik abiatuta, gaur egunera egokituko zen proposamen garaikide bat eraiki nahi genuen», azaldu du obraren zuzendariak. Gerora, Kepa Errastik ekarri du testua euskarara. «Oso modu naturalean itzuli dut testua euskarara; kaleko hizkuntzara gehien hurbiltzen den euskara hori ekartzen ahalegindu naiz», azaldu du. Era berean, antzezlaneko aktoreetako bat izateak prozesua erraztu duela iruditu zaio: «Luxu bat izan da barruan egotea eta bakoitzaren proposamenak entzutea». Vinterbergen esentziari eustea izan da Goirizelaiaren erronka nagusietako bat, baita filma antzezlan bihurtzea ere. Aurreko lanekin egin bezala, obraren euskarazko eta gaztelerazko bertsioak emango dituzte. Asteburuan, kasurako, euskaraz taularatuko dute antzezlana, Bilboko Arriaga antzokian bertan, eta handik hilabetera gazteleraz emango dute. Gerora, Madrilera joango dira, eta datorren urtetik aurrera emanaldi gehiago egingo dituztela aurreratu dute.
2023-10-4
https://www.berria.eus/albisteak/233591/erreferente-bat-agurtu-dute.htm
Gizartea
Erreferente bat agurtu dute
Xabier Mendigurenen beila izan da Donostian, eta han izan dira euskalgintzako hainbat eragile
Erreferente bat agurtu dute. Xabier Mendigurenen beila izan da Donostian, eta han izan dira euskalgintzako hainbat eragile
Lore sortak, euskalgintza arloko aditu andana eta isiltasuna. Horiek izan dira nagusi gaur arratsaldean Donostiako Errekaldeko beilatokian. Xabier Mendiguren Bereziartu herenegun hil zen, eta gaur izan da haren beila. Euskalgintzako erreferenteetako bat izan den heinean, haren heriotza ez da oharkabean pasatu, eta egunotan anitz izan dira Mendigurenen alde zabaldutako mezuak. Gaur eginiko agurrean ere islatuta gelditu da haren erreferentzialtasuna. Izan ere, beilatokiko ateak 16:00etan ireki badituzte ere, ordurako jende mordoa zegoen bilduta eraikinaren atarian. Lau orduz egon da irekita beilatokia, baina Mendigurenekin lanean aritutako gehienak lehenbiziko orduan joan dira. Hala nola Euskalgintzaren Kontseiluko, AEK-ko, eta Bai Euskarari taldeko kideak, baita hainbat hedabidetako kazetari ezagunak ere. Ateak ireki bezain pronto sartu dira barnera, bata bertzearen atzetik eta ataria hutsik gelditu arte. Korridorea isilik pasatu, eta barruko gelara sartu bezain azkar hautsi da isiltasuna. Sarreratik entzun zitezkeen bisitarien ahotsak, baita gehien errepikatzen zuten hitza ere: euskalgintza. Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia izan da hitz hori ahoan zuen pertsonetako bat. Eskisabelen erranetan, argia da Mendigurenek egindako ekarpena: «Bizitza bat euskararentzat». Izan ere, hamaika aferatan ibilitakoa da: ikastolen mugimenduan, itzulpengintzan, testuliburuak egiten eta Kontseiluan bertan. «Hizkuntza politiketan tresneria berri baten bila intuizioa izan zuen jende taldearen parte izan zen, eta horren gidari ere bai», azpimarratu du harro Eskisabelek. Aretoa jendez beteta bazegoen ere, lore sortendako lekua ere egina zuten. Batzuk bertan zeuden, eta bertze zenbait bisitariek berek ekarri dituzte. Haize Otaño Lizarralde Gipuzkoako AEK-ko artezkaria, erraterako, sorta ederra eskuan duela sartu da gelara. Otañorentzat, Mendiguren «ikur bat» izan da helduen euskalduntze eta alfabetatze prozesuan, «pertsona estrategikoa». «Euskararen lekukoa eraman du, eta orain guri dagokigu lekuko hori behar den helmugaraino eramatea», erran du. Alfabetatzeaz mintzatzean, Mendigurenek itzulpengintzan eginiko lanaz ari da Otaño, urte luzez euskarazko testuliburuak sortzen lan anitz egin baitzuen. Helduen euskalduntzean ez ezik, umeenean ere lagundu zuen, Saioka euskarazko ikasliburuak ondu baitzituen bertze zenbait eragilerekin batera. Horiek garai hartan sortzen ari ziren lehenbiziko ikastoletan erabili zituzten. «Gertutasuna» Euskalgintzako erreferente ezagunak ez ezik, politikariak ere bertaratu dira Mendigurenen beilara. Horietako bat izan da Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramailea Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Azkar egin du sar-atera, eta Mendigurenek eginiko ekarpena azpimarratu du: «Euskalgintza eraiki du; bere bizitzaren zati handi bat eskaini dio». Gogoratu du, gainera, euskalgintzak behar bat zuen lekuan aurkitu zitekeela Mendiguren, eta horrek «poza eta babesa» ematen zituela. Mendigurenen ekarpena zen, beraz, Donostiako eraikin hartan egon diren guztien ahotan zebilena. Zenbaitek, baina, hitz xamurragoak dituzte harentzat: lan arlotik haratago, pertsona gisa nolakoa izan zen azpimarratu baitute. Rober Gutierrez, Bai Euskarari elkarteko zuzendaria, erraterako, Mendigurenekin lanean aritua da, eta hori «pribilegio» bat izan zela aitortu du: «Nabarmendu behar da pertsona bezala erakusten zuen gertutasuna; hori jakin zuen islatzen euskararekin egin zuen lanean». Modu batera edo bertzera guztiek agurtu dute azkenekoz Mendiguren, baina hark irekitako bidea guztiek ibiliko dutela jakinda.
2023-10-5
https://www.berria.eus/albisteak/233613/muturreko-irail-batek-inoizko-urterik-beroena-bihurtu-du-2023a.htm
Mundua
Muturreko irail batek inoizko urterik beroena bihurtu du 2023a
Copernicusek iragarri du, amaitzeko lau hilabeteren faltan, 2023a dela inoizko urterik beroena. 1,5 graduko berotzearen langa gainditzea gertu dauka urteak, hurrengo hilabeteak ere beroak izatea espero baitute.
Muturreko irail batek inoizko urterik beroena bihurtu du 2023a. Copernicusek iragarri du, amaitzeko lau hilabeteren faltan, 2023a dela inoizko urterik beroena. 1,5 graduko berotzearen langa gainditzea gertu dauka urteak, hurrengo hilabeteak ere beroak izatea espero baitute.
Uda meteorologikoaren sokari eutsi dio irailak ere. Are gehiago, tenkatu egin du. Aurtengo bigarren seiurtekoan izaten ari diren muturreko tenperaturek jarraipena izan dute, eta aurtengo iraila, mundu mailan, inoiz neurtutako irailik beroena izan da: 16,38ko batez besteko tenperatura neurtu du Copernicusen Europako Batasuneko Lurraren Gaineko Behategiaren klima aldaketarako zerbitzuak (C3S), eta aurreko irailik beroena (2020koa) 0,5 graduren aldearekin gainditu du. Datu esanguratsu bat: industria aurreko irailetako batez besteko tenperatura baino 1,75 gradu beroagoa izan da. Gauzak hala, lehen bederatzi hilabeteen batez besteko tenperaturari erreparatuta, 2023a jadanik da inoiz neurtutako urterik beroena, industria aurreko batez besteko tenperatura 1,4 gradu gaindituta. Aurretik neurtutako urterik beroena 2016 izan zen, eta 2023a jadanik 0,05 gradu epelagoa da, baina aurrera begirako aurreikuspenek kezkatu egiten dituzte adituak, El Niño itsaslasterraren eragina nabarmendu egin ohi delako urte amaiera bitarteko hilabeteetan. Ekainetik hasi eta irailera arte, hilabetez hilabete gainditu da hilabeterik beroenaren langa, eta, gainera, 2023ko uztaila inoiz Lur planetan izandako hilabeterik beroena izan da. Horretaz, CS3k iragarri du 2023a gertu dagoela Parisko Hitzarmenak ezarri zuen 1,5 graduko berotzearen langa sinbolikoa gainditzeko. «Ez da ziurra horretara iritsiko denik, baina gertu dago», adierazi dio Carlo Buontempo CS3ko zuzendariak France Press berri agentziari. Hala balitz ere, horrek ez luke esan nahi Lur planetaren batez besteko tenperatura 1,5 gradu beroagoa dela orain erreferentzia gisa hartu ohi den industria aurreko aroan baino. Izan ere, horretarako hamarkadak igaro beharko lirateke egoera horretan. Nazio Batuen Erakundeak (NBE) iragarri du, adituen txostenei kasu eginez, 2030-2035 urteen artean gaindituko dela 1,5 graduko berotzearen langa. Lehortea Amazonian Eta klima larrialdiarengatik eta El Niño fenomenoarengatik, lehorte historiko bat nozitzen ari dira Brasilgo Amazonian. Euri faltaren ondorioz, nabarmen txikitu da ibaien emaria, eta horrek kalte egin die ur edangarriaren hornikuntzari eta bizirauteko nekazaritzari; ehunka mila pertsona inkomunikatuta geratzeko arriskuan daude, gainera. Horiek horrela, Brasilgo Gobernuak larrialdi egoera ezarri du 55 udalerritan, eta ari dira horietara eramaten elikagaiak eta ura, baita higiene eta osasun produktuak ere. Itsas armadak eta aireko indarrek babes logistiko hori bermatuko dutela nabarmendu du gobernuak. Iturri beraren arabera, datozen asteetan milioi erdi pertsonari eragin diezaiekete lehortearen albo kalteek. Uztaila eta abendua bitartean dute urtaro lehorra Amazonian; garai horretan ohikoa da hango ibaien ur maila zenbait metro jaistea eta, horrenbestez, hondarra azaleratzea. Horren ondorioz, baina, arrain asko hil egiten dira, eta horiek ezinbestekoak dira ibaien ibarrean bizi diren herritarren iraupenerako. Adituek hainbat hedabidetan azpimarratu dutenez, El Niño-k lehortea areagotu du, hodei gutxiago sortzea dakarrelako eta, beraz, euri gutxiago egiten duelako.
2023-10-5
https://www.berria.eus/albisteak/233614/negoziazioa-desblokeatu-ezean-anbulantzietako-langileek-lanuzteak-mantenduko-dituzte.htm
Gizartea
Negoziazioa desblokeatu ezean, anbulantzietako langileek lanuzteak mantenduko dituzte
Patronalaren jarrerak negoziazio mahaiari «zilegitasuna kentzen» diola adierazi du LSB-USO sindikatuak.
Negoziazioa desblokeatu ezean, anbulantzietako langileek lanuzteak mantenduko dituzte. Patronalaren jarrerak negoziazio mahaiari «zilegitasuna kentzen» diola adierazi du LSB-USO sindikatuak.
Anbulantzietako langileek kontzentrazioa egin dute Gasteizen, Eusko Legebiltzarraren aurrean. Adierazi dute patronalak ez badu hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzen, jada deituak dituzten lanuzteak mantenduko dituztela. Hilaren 9an, 10ean eta 11n izanen dira. LSB-USO sindikatuak ohar bidez eman du agerraldiaren berri, patronalak atzo zabaldutako bertze adierazpen bati erantzunez. Sindikatuak dioenaren arabera, patronalak uste du negoziazio mahaia ez dela leku egokia anbulantzietako langileen baldintzen parekatzea eztabaidatzeko. Izan ere, sindikatuek eskatzen dutena da anbulantzietako langileen erosahalmenari eustea eta lan baldintzak Osakidetzako langileen baldintzekin parekatzea. Sindikatuaren ustez, patronalaren jarrerak negoziazio mahaiari «zilegitasuna kentzen» dio: «Argi erakusten du duela urte eta erditik hona enpresek fede txarra dutela negoziaziorako». Hala, gogoratu dute anbulantzietako langileek erosahalmenaren %16 galdu dutela 2023ko irailera bitarte. Ordura arte, anbulantziak kudeatzen dituzten enpresen finantzaketa ia %40 igoko da bost urteko epean, 2027ko abuztutik aurrera. Baina patronalak %13ko soldata igoera totala eskaintzen du 2028 bitarte.
2023-10-5
https://www.berria.eus/albisteak/233615/enaut-uson-irabazle-espainiako-kopako-bigarren-proban.htm
albisteak
Eñaut Uson irabazle Espainiako Kopako bigarren proban
Maila nagusian Ainhize Belar hirugarren izan zen Torrejon de Ardoz-en (Madril, Espainia) jokatutako proban, eta Elur Arteaga ere, Getafeko lehen proban bezala, hirugarren izan zen 18 urtez azpikoetan. Hirugarren eta azken proba Vilanova i la Geltrun (Katalunia) jokatuko da urriaren 14an eta 15an.
Eñaut Uson irabazle Espainiako Kopako bigarren proban. Maila nagusian Ainhize Belar hirugarren izan zen Torrejon de Ardoz-en (Madril, Espainia) jokatutako proban, eta Elur Arteaga ere, Getafeko lehen proban bezala, hirugarren izan zen 18 urtez azpikoetan. Hirugarren eta azken proba Vilanova i la Geltrun (Katalunia) jokatuko da urriaren 14an eta 15an.
Kirol eskaladako zailtasuneko modalitatean Espainiako Kopako bigarren proba jokatu zen aurreko asteburuan Torrejon de Ardoz herriko (Madril) Indoorwall instalazioetan. Bigarren proba horretan euskal eskalatzaileen emaitzak hobeak izan ziren Getafeko lehenbizikoan baino. 200 eskalatzaile baino gehiago lehiatu ziren maila guztietan: 36 maila absolutuan eta 168 gazteen artean. Hamalau urtez azpikoetan Eñaut Uson tolosarrak irabazi zuen bigarren proba horretan. Kanporaketetan onena izan zen 32 eskalatzaileren artean, eta finalean ere bera nagusitu zen. Getafeko lehen proban seigarren izan zen Uson, eta, beraz, bi probetako emaitzak batuta, bera da sailkapen nagusiko liderra, 1.495 puntu lortuta. Bigarren, berdinduta, Biel Serra eta Gonzalo Escudero daude, 1.380 puntu lortuta. Hirugarren eta azken proba Vilanova i la Geltru herrian (Katalunia) jokatuko da urriaren 14an eta 15ean, eta hor erabakiko da irabazlea, baina Uson egokiera ezin hobean da azken garaipena lortzeko. Torrejoneko proban, 14. urtez azpiko maila berean, Lier Perez 18. izan zen. Maila nagusian, emakumezkoetan, Iziar Martinez valladolidtarra nagusitu zen. Bai sailkapeneko bideetan eta bai finalekoan bera izan zen onena. Bigarren Uxia Bohorque madrildarra izan zen eta hirugarren Ainhize Belar atxondarra (Bizkaia). Getafeko lehen proban bosgarren izan zen Belar, eta oraingoan podiumean sartzea lortu zuen. Haizea Oses finaletik kanpo geratu zen, hamargarren, eta Maria Feo nafarra 13. izan zen. Sailkapen nagusian, lehen postuan puntutan berdinduta daude orain Maria Benach kataluniarra (Getafeko probaren irabazlea) eta Uxia Bohorque. Ainhize Belar finaleko bidean. Indoorwall Climbing Gyms Gizonezkoen maila absolutuan, Guillermo Peinado madrildarra izan zen irabazle, Javi Cano bigarren eta Raúl Escribano hirugarren. Javi Cano extremadurarra gailendu zen Getafeko lehen proban (Peinado ez zen Getafen lehiatu), eta, beraz, bera da Kopako sailkapen nagusiaren buruan. Elur Arteaga berriro hirugarren Hemezortzi urtez azpikoetan, nesketan, Elur Arteaga tolosarrak berriro hirugarren postua lortu zuen Kopako bigarren proban ere. Kanporaketetan bera izan zen onena, baina finalean ez zen berak nahi bezain fin ibili, eta hirugarren izan zen azkenean. Laia Taulats izan zen garaile, eta India Persson, bigarren. Ainhoa Uskola 9. izan zen; Irati Aso, 11.; eta Naroa Morales, 16. Hemezortzi urtez azpiko maila berean, mutiletan, euskal eskalatzaileak ez ziren ohi bezain fin ibili, eta ez zen inor sailkatu finalerako. Asier Antunez eta Manex Guenetxea, biak berdinduta, 12. izan ziren, eta Manex Iñurrategi, 23. Alain Ambrosi nafarra, berriz, 26. izan zen. Hamasei urtez azpikoetan, nesketan, EMFko hiru ordezkariek lortu zuten finalerako sailkatzea, baina inor ezin izan zen podiumera igo. Azkenik, Maddi Agirre 5. izan zen; Udane Mujika, 6.; eta Ines Allende, 7. Finaletik kanpo geratu ziren Sara Sanmartin (18) eta Naroa Aierdi (30) nafarrak. Maila berean, mutiletan, Gari Markuerkiaga 16. izan zen; Haritz Urkiola, 21.; eta Aratz Sanzol, 22. Hamalau urtez azpiko nesketan, Araceli de Bilbao laugarren izan zen; Elene Otermin, 10.; Laia Beltran, 18.; Aiora Perez, 28.; eta Jone Aretxaga, 31.
2023-10-5
https://www.berria.eus/albisteak/233616/gizon-bat-atxilotu-dute-iruntildeean-bikotekide-ohia-hiltzen-saiatzeagatik.htm
Gizartea
Gizon bat atxilotu dute Iruñean, bikotekide ohia hiltzen saiatzeagatik
Arma zuri batekin eraso dio emakumeari, eta lepoan, besoetan eta eskuetan zauritu. Ospitalean da emaztea. Andrearen ama ere zauritu du erasoan.
Gizon bat atxilotu dute Iruñean, bikotekide ohia hiltzen saiatzeagatik. Arma zuri batekin eraso dio emakumeari, eta lepoan, besoetan eta eskuetan zauritu. Ospitalean da emaztea. Andrearen ama ere zauritu du erasoan.
Poliziak gizon bat atxilotu zuen atzo arratsean Iruñean, bikotekide ohia hiltzen saiatzea egotzita. Arma zuri batekin eraso zion emakumeari, eta larriki zauritu zuen lepoan, eskuetan eta besoetan. Haren bizitza ez da arriskuan, baina larriki zauritua da, eta ospitalean da oraindik. Erasoan, emakumearen ama ere zauritu zuen gizonak; ospitaletik atera ahal izan da. Hortaz, bikotekide ohia hiltzen saiatzea ez ezik, haren amari zauriak eragin izana ere leporatzen diote gizonari. Erasoa Iruñeako Arrotxapea auzoan izan zen. Gizonak ihes egin zuen erasoa gertatu zen eraikinetik, eta gauerdi aldera atxilotu zuten, handik hurbil.
2023-10-5
https://www.berria.eus/albisteak/233617/motelaldi-betean-gipuzkoan-4000-enplegu-sortuko-direla-esan-du-adegik.htm
Ekonomia
Motelaldi betean Gipuzkoan 4.000 enplegu sortuko direla esan du Adegik
Interes tasen igoera bihurtzen ari da Gipuzkoako enpresen buruhauste handienetako bat. Egoera lasaitzean %2ko hazkunde tasara itzultzea espero dute
Motelaldi betean Gipuzkoan 4.000 enplegu sortuko direla esan du Adegik. Interes tasen igoera bihurtzen ari da Gipuzkoako enpresen buruhauste handienetako bat. Egoera lasaitzean %2ko hazkunde tasara itzultzea espero dute
Testuinguru ekonomikoa aldatzen ari da, eta, nola ez, enpresen kezkak ere bai. Inflazio tasa handiei aurre egiteko, interes tasak igo dituzte Mendebaldeko banku zentral gehienek, eta horrek balaztatu egin ditu inbertsioa eta hazkunde ekonomikoa. Hala ere, motelaldi garai betean Gipuzkoako enpresek 2023an 4.000 enplegu sortuko dituztela aurreikusi du Adegik, enpresekin hiru hilean behin egin ohi duen inkestan jasotako erantzunak ikusi ostean. Izan ere, enpresen %91k enplegu maila «mantentzea edo handitzea» aurreikusten dutela adierazi du Jose Miguel Aierza Adegiko zuzendari nagusiak. Enpleguari dagokionez, urtarriletik hona %50etik %40ra jaitsi da "lan kostu handien inguruko" ardura duten enpresen kopurua. Alabaina, absentismoaren gaineko kezka %10etik %17ra handitu da. Aierzak ez du uste kontraesanezkoak direnik motelaldi ekonomikoa eta enpleguaren hazkundea. Izan ere, adierazi du enpresek epe ertain eta luzeari begiratzen dietela: «Inflazioa jaistearen helburua lortzen den heinean, %2ko hazkunde mailara itzuliko gara, eta pertsonak beharko ditugu. Pertsonak enpresen ardatz nagusietako bat dira». Tasak, kezka berri Inflazioak eta lehengaien garestitzeak markatu ditu pandemia osteko urteak, baina azken urtean interes tasen igoera gehitu zaie zerrendara. Urteetan oso txikiak izan dira interes tasak, baita negatiboak ere, baina EBZ Europako Banku Zentrala tasak igotzen hasi zen iaz, irailean %4,5eraino igo arte, inflazio handiari aurre egiteko. Diruaren garestitze horrek asko zaildu du enpresen finantzaketa, baita inbertsiorako ahalmena ere. Hori dela eta, enpresarien kezka handienetako bat bihurtu da hori, Gipuzkoako enpresen %22ren buruhauste bihurtu baita. Aierzak adierazi du 2014ko urtarriletik ikusi gabeko mailan dagoela; izan ere, enpresen %13ren ardura zen hori. Luis de Guindos EBZko presidenteordeak aste hasieran Donostian adierazi zuen interes tasak goia jotzen ari direla eta beheranzko joera hartuko dutela, baina iragarri zuen ez direla pandemia aurreko maila txikietara itzuliko. Adierazi du ez duela horrenbesteko informaziorik, baina Aierzak ere uste du ez direla %0ko edo maila negatiboko tasak itzuliko, «guztiz ezohikoak» izan baitziren. Inbertsioa eta gordailuak Ez da arau matematikoa, baina ohikoa da interes tasak handitzen direnean enpresen inbertsioak jaistea, finantzaketa garestitu egiten baita. Adegik ez die inbertsioei buruz galdetu enpresei, eta Aierzak adierazi du hori 2024 hasieran jakingo dela. Hala ere, aurreratu du txikitu egingo direla 2024ko inbertsio asmoak: «Aurtengo urtearekiko iazko aurreikuspenak onak ziren, baina garbi dago inbertsioari eragingo diotela interes tasa handiek. Bankuek ere esan digute mailegu eskaerak jaisten ari direla, baina logikoa da, efektu horixe lortu nahi baitute autoritate ekonomikoek. Normalena litzateke inbertsio maila jaistea». Tarte hori ahalik eta laburrena izatea nahi du Aierzak, inflazioaren arazoa ahalik eta lasterrena bideratzeko eta «normaltasunera» itzultzeko: «Interes tasak gehiago igoko ez direla pentsatu nahi dugu, baina itxaron egingo dugu, hori ez baitago gure esku». Diru politika murriztaileak bankuen bezeroen gordailuetara iristen hasi dira, finantza erakunde batzuk gordailuengatik bezeroei ordaintzen hasi baitira berriro. Aierzak hori areagotzea nahi du: «Finantza erakundeak ari dira pixkanaka tasa horiek beren gordailuetara helarazten, eta espero dugu hori aurrerantzean areagotzea. Berandu? Gauzak etortzen direnean etortzen dira. Hori ez dago gure esku, baina garbi dago norabidea hori dela».
2023-10-5
https://www.berria.eus/albisteak/233618/anduezaren-esanetan-eaj-eta-pse-ee-bat-datoz-eta-agian-bildarratz-da-ereduei-buruzko-interpretazio-okerra-egin-duena.htm
Gizartea
Anduezaren esanetan, EAJ eta PSE-EE bat datoz, «eta agian Bildarratz da ereduei buruzko interpretazio okerra egin duena»
Hezkuntza Legerako zuzenketetan gobernuko bazkideek egin duten akordioa ona dela esan du, «eredu elebakarra ezar ez dadin bermatzen duelako» eta familiek eredua hauta dezaten bermatzen duelako.
Anduezaren esanetan, EAJ eta PSE-EE bat datoz, «eta agian Bildarratz da ereduei buruzko interpretazio okerra egin duena». Hezkuntza Legerako zuzenketetan gobernuko bazkideek egin duten akordioa ona dela esan du, «eredu elebakarra ezar ez dadin bermatzen duelako» eta familiek eredua hauta dezaten bermatzen duelako.
Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak kazetariei erantzun die gaur, Eusko Legebiltzarreko osoko bilkura zela eta, korridoreetan, Hezkuntza Legeari buruz EAJk eta PSE-EEk egin duten akordioaz azalpenak emateko. Atzo esandakoa berretsi du: adostutako zuzenketen bidez, eredu elebakarra ezar ez dadin bermatzen da, eta familiek eredua hauta dezaten ere bai. Eta atzo EH Bilduko Pello Otxandianok eskatutakoari erantzun dio. Bertsio bakarra dago, Anduezaren esanetan. EAJ eta PSE-EE ados daude, eta hezkuntza ereduak mantentzearen alde egingo dute: «Agian interpretazio okerra egin duena Hezkuntza sailburua izan da, Jokin Bildarratz». Bai EAJk, bai Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak «interpretazio bera» egiten dutela esan du Anduezak. Hezkuntza itunetik lege aurreproiektura egindako bidean ez da hezkuntza eredua jaso. Astearte goizean amaitzen zen legeari zuzenketak jartzeko epea, eta gobernuko bazkideek, EAJk eta PSE-EEk azken unean aurkeztu zituzten zuzenketak elkarrekin. PSE-EEren eskaera zen ereduei eustea. Anduezak defendatu egin du PSE-EEk zuzenketarekin egindako «ekarpena», «eredu elebakar batera ez joatea bermatu duelako». Galdetu diote zer iritzi duen EH Bilduk legea ez babesteaz, eta esan du «gehiengoak ezartzeko» daudela, baina ahaleginak egingo dituztela EAJk eta PSE-EEk ez ezik EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek ere babes dezaten. EAJk eta PSE-EEk badute gehiengo osoa parlamentuan legea aurrera ateratzeko: 41 eserleku. Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak ez du eredu linguistikoetan jarri arreta, hura «garatu eta eguneratzean» baizik. Aitortu du egungo ereduak ez datozela bat ikastetxeetako errealitate soziolinguistikoekin. ETB1en egin dioten elkarrizketan, esan du eredu linguistikoak helburu jakin bat lortzeko tresna bat direla; alegia,DBH amaitzerako ikasleek euskaraz eta gaztelaniaz B2 maila eskuratzea eta beste hizkuntza batean B1a izatea lortzeko tresna bat. Esan du hezkuntza sistemak haur asko euskaldundu dituela azken berrogei urteetan, baina gizartea aldatu egin dela, eta aldatzen segituko duela: «Egokitu egin behar dugu». Beraz, haren ustez, EAJk eta PSE-EEk adostutako zuzenketarekin «argitu eta hobetu» egin da lege proiektua. «Orain, legebiltzarraren txanda da, eta legebiltzarkideek eztabaidatu egin behar dute Hezkuntza Lege hobea lortzeko». Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzaren hizkuntz politikako sailburuordea harrituta azaldu da gaur Bizkaia Irratian egin dioten elkarrizketan, hezkuntza ereduek sortu duten polemikaren harira. Uste du horietaz ari denak ez duela ikastetxeetako errealitatearen berri, eta ereduena gaindituta dagoelakoan dago. Azpimarra egin du legearen beste puntu batean: jasotzen da ikastetxe bakoitzak bere hizkuntza proiektua garatu ahal izango duela, daukan errealitate soziolinguistikoaren arabera. Eta helburua zehazten da: DBH amaitzerako ikasle guztiek euskaraz eta gaztelaniaz B2 maila izatea eta hirugarren hizkuntza batean B1a. Uste du EH Bilduk lege proiektuari babesa ematen segituko duela. Pello Otxandiano EH Bilduko programa zuzendariak Euskadi Irratian esan du gaur egun ez daudela baldintza egokienakalderdien arteko elkarrizketa baterako, eztabaidak dimentsio publikoa hartu baitu. Hori ona dela esan du, alderdi bakoitzak orain publikoki azaldu behar baitu bere jarrera. Berretsi du, Dobaranek esan moduan, ikasgeletan ereduen auzia gaindituta dagoela, ikasgela berean askotan nahasten baitira elebakarrak eta eleaniztunak, askotariko jatorrikoak, eta egungo ereduak zaharkituak geratu dira errealitate horri erantzuteko. «Arazoa da ez dagoela estrategia eta baliabide nahikorik aniztasun linguistiko horri erantzuteko». Orain arte Hezkuntza Legearen testurako egindako bidean, 4. artikuluan jasotzen da «euskara ardatz duen eredu eleaniztuna» sustatu behar dela ikastetxeetan, eta ez du ulertzen orain zertara datorren legearen atarikoan ereduak txertatu behar izatea; kontraesanezkoa dela uste du. Otxandianoren ustez, gutxiengo batek, PSE-EEk, inposatu dio gehiengoari irizpide politiko bat. Gogoratu du bi urte luzetan Hezkuntza Legeari lotutako lantalde askotan hartu dutela parte, eta orain arte PSE-EEk ez duela auzitan jarri ereduak gaindituta zeudenik. «Zertara dator orain ereduak blindatzea?». Uste du hauteskundeei begirako interesak gailentzen hasi direla. «Lege hau estrategikoa da, herri kohesiorako oinarrizkoa, eta eskatzen dugu eztabaida hezkuntza gaiei atxikitzeko». Otxandianoren esanetan, interes asko daude prozesu honek ez dezan arrakastarik izan, eta, legealdi honetan ateratzen ez bada, ez du uste bermerik dagoenik hurrengo legealdian utzitako toki berean heltzeko legeari.
2023-10-5
https://www.berria.eus/albisteak/233619/erreniegan-lhko-hirugarren-gela-bat-eta-ratioen-jaitsiera-orokorra-eskatu-dituzte-sindikatuek.htm
Gizartea
Erreniegan LHko hirugarren gela bat eta «ratioen jaitsiera orokorra» eskatu dituzte sindikatuek
Steilas, LAB, CCOO, ELA eta UGT sindikatuek eta Sortzen elkarteak protesta egin dute Nafarroako Parlamentuaren aurrean.
Erreniegan LHko hirugarren gela bat eta «ratioen jaitsiera orokorra» eskatu dituzte sindikatuek. Steilas, LAB, CCOO, ELA eta UGT sindikatuek eta Sortzen elkarteak protesta egin dute Nafarroako Parlamentuaren aurrean.
Lehen Hezkuntzako 2. mailako ikasleak ezin kabituta daude Zizurko Erreniega eskolan (Nafarroa). Gehienezko ratioa 25 ikaslekoa da gela bakoitzeko, eta, langa hori gainditua duten arren, Hezkuntza Departamentuak uko egin dio beste gela bat zabaltzeari. Hori salatzeko, Erreniegako hezkuntza komunitatea kalera atera da aste honetan Zizurren, eta, gaur, Hezkuntza sektoreko sindikatuek egin dute protesta. Nafarroako Parlamentuaren kanpoaldean elkartu dira Steilas, LAB, CCOO, ELA eta UGT sindikatuetako eta Sortzen elkarteko ordezkariak, Erreniega 3. gela orain! leloa zeraman pankarta baten atzean. Zizurko ikastetxearen egoera «berehala» konpontzeaz gain, «hezkuntzako etapa guztietan ratioak era linealean jaisteko» eskatu diote Hezkuntza kontseilari Carlos Gimenori. Izan ere, ikastetxe bateko arazo puntualaz harago, sindikatuek uste dute Erreniegako hirugarren gelaren auziak Nafarroako hezkuntza sektore osoari eragiten diola, eta arazoaren muinean daudela ratioak ezartzeko «irizpide okerrak». Erreniegako kasuari dagokionez, Nafarroako Gobernuak Zizurko ikastetxearen eskaerei ez ikusi egin diela salatu dute sindikatuek: «LHko 2. mailan bi ikasgela dira. Horietako batek 25 ikasle ditu eta besteak 26, gehienezko ratioa baino gehiago. Horrez gain, ikasle batek behar bereziak ditu, eta beste bik diabetesa dute, eta irakasleek beren gain hartu behar dute horren kontrola ere». LABek, CCOOk, ELAk, UGTk eta Sortzenek gogorarazi dute Zizurko Udalak ere adierazpen instituzional bat onartu zuela irailaren 28an, LHko 2. mailarako hirugarren ikasgela bat eskatuz, eta Hezkuntza Publikoko sektore mahaiko sindikatuek aurkeztua dutela proposamen bat ratioak jaisteko: «Hori onartu izan balitz, Erreniega eskolan hirugarren gela bat irekiko litzateke automatikoki». Salatu dute, gainera, Gimeno kontseilariak «ratioen jaitsiera partzial bat» proposatu berri duela, baina uste dute horrek ez duela arazoa konponduko: «Proposatu du ratioak murriztea behar bereziak dituzten ikasleen kopuru handia dagoen zentroetan, baina 3 urtekoen zikloan soilik». Sindikatuen irudiko, ratioen jaitsiera ezartzea «soilik adin eta ikastetxe jakin batzuetan» ez da konponbide egokia: «Erreniegako kasuak frogatzen du metodo horrek ez duela funtzionatzen, eta taldeak handitzeko irizpidea hobetu behar dela». Inbertsio handiagoa ere eskatu diote Nafarroako Gobernuari. Gogora ekarri dute Maria Txibiteren gobernuaren konpromisoetako bat dela Hezkuntzan inbertsioa handitzea «BPGaren %5eraino», eta EH Bildu, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa koalizioek hauteskunde programan zeramatela ratioen jaitsiera lineala. «Gehiengo progresista» baliatu nahi dute, 2024ko aurrekontuetan «diru sail nahikoa» onartzeko, «ratioen jaitsiera orokorra gauzatu dadin Hezkuntzako etapa guztietan».
2023-10-5
https://www.berria.eus/albisteak/233620/jon-fosse-idazle-norvegiarrak-irabazi-du-nobel-saria.htm
Kultura
Jon Fosse idazle norvegiarrak irabazi du Nobel saria
Nobela, narrazioa, haur literatura eta saiakera landu ditu, baina, batik bat, antzerki lanek bihurtu dute idazle ezaguna.
Jon Fosse idazle norvegiarrak irabazi du Nobel saria. Nobela, narrazioa, haur literatura eta saiakera landu ditu, baina, batik bat, antzerki lanek bihurtu dute idazle ezaguna.
Jon Fosse (Haugesund, Norvegia, 1959) idazleak irabazi du 2023ko Literaturako Nobel saria. Suediako akademiak gaur eguerdian eman du erabakiaren berri; nabarmendu du idazlearen obra «berritzailea» dela, eta «esan ezin denari ahotsa» eman diola. «Giza kondizioa da haren obraren gai nagusia, generoa edozein dela ere, eta gure bizitzetan berehala antzeman daitezkeen eguneroko egoerak aurkezten ditu», gaineratu du akademiak. Fossek 1983an argitaratu zuen bere lehenengo eleberria, Raudt, svart (Gorria, beltza), eta, orduz geroztik, prosazko hamaika lan idatzi ditu, hala eleberriak nola narrazio bildumak. Nolanahi ere, antzerkirako idatzitako obrek eman diote nazioarteko ospea. 1994koa du lehendabizikoa, Og aldri skal vi skiljast, eta hogeitik gora idatzi ditu ordudanik. Haren obra dramatikoa mundu osoko antzokietan eraman dute oholtzara, eta milatik gora dira Fosseren lana ardatz izanda egin diren antzerki ikuskizunak. 1901. urtean eman zuten aurrenekoz Literaturako Nobel saria. Urte hartan, Sully Prudhomme poeta frantziarra saritu zuen akademiak, eta, orduz geroztik, 116 aldiz eman du saria. Horietatik 17 besterik ez dira emakumeak izan. Azken hamarkadan, baina, parekideak izan dira sariak. Bost emakumek (Alice Munro, 2013; Svetlana Aleksieitx, 2015; Olga Tokarczuk, 2018; Louise Gluck, 2020; eta Annie Ernaux, 2022), eta bost gizonezkok (Patrick Modiano, 2014; Bob Dylan, 2016; Kazuo Ishiguro, 2017; Peter Handke, 2019; eta Abdulrazak Gurnah, 2021) irabazi dute saria. Fosseren literatur lanak berrogei hizkuntza baino gehiagotara daude itzulita; orain arte, ordea, ez da haren lanik euskaratu.
2023-10-5
https://www.berria.eus/albisteak/233621/amaia-gabantxok-irabazi-du-bigarrenez-etxepare-itzulpen-saria.htm
Kultura
Amaia Gabantxok irabazi du, bigarrenez, Etxepare itzulpen saria
Miren Agur Meaberen 'Hezurren erretura' liburua itzuli du ingelesera Gabantxok. Galesko Parthian Books argitaletxeak argitaratu du.
Amaia Gabantxok irabazi du, bigarrenez, Etxepare itzulpen saria. Miren Agur Meaberen 'Hezurren erretura' liburua itzuli du ingelesera Gabantxok. Galesko Parthian Books argitaletxeak argitaratu du.
«Oso pozgarria da Miren Agurren lan bat itzultzeagatik sari hau jasotzea». Hala esan du Amaia Gabantxo itzultzaileak (Bermeo, Bizkaia, 1973) gaur goizean, Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen Saria jaso bezain laster. Miren Agur Meaberen Hezurren erretura liburua itzuli du ingelesera, eta saria eskuratzen duen bigarren aldia da. Burning Bones liburua Galesteko Parthian Books argitaletxeak argitaratu du, eta Gabantxok eta argitaletxeak 4.000 euroko saria partekatuko dute. Horrez gainera, 2.000 euro arteko laguntza ere jasoko dute onuradunek, argitalpenaren herrialdean egindako lana ezagutzera emateko. Itzulpenaren «kalitate altua» nabarmendu du epaimahaiak, eta itzultzailearen etengabeko lana azpimarratu du Meabek: «Bere lan errimeari esker egin du aurrera Amaiak, zailtasun askoren artean». Gabantxok itzultzaile gisa dituen lau dohain ere zerrendatu ditu idazleak, «beste dohain askoren artean». Besteak beste, lerroen artean dagoena irakurtzeko gaitasuna, sentsibilitatea, itzulpena hartuko duen herrialdearen testuingurua ezagutzea eta belarria izatea. «Testu bakoitzak badu bere tonua, erritmoa eta musikalitatea, eta hori beste hizkuntza batera isurtzeko gai da», zehaztu du. Hezurren erretura liburuan, gainera, itzultzailea presente dagoela kontatu du Meabek: «Itzultzaile gisa ez ezik, pertsonaia gisa ere agertzen da Amaia liburuan; bizitzari buruz izan ditugun elkarrizketen laginak agertzen dira atal batzuetan». Aspaldiko ezagunak Duela 20 urte ezagutu zuten elkar Meabek eta Gabantxok. Hala ere, Gabantxok, Azalaren kodea liburua irakurtzean igarri zuen lehen konexioa idazlearekin: «Poemak irakurtzen nengoela, idazten zegoena ni nintzela sentitu nuen». Zehazki, baina, Dublingo poesia jaialdi batean ezagutu zuten elkar, eta, ordutik, harremanetan jarraitu dute. «Lehen topaldi hartan poesia irakurri genuen jendaurrean, eta, harrezkero, sarritan ibili gara tandemean irakurketetan zein aurkezpenetan», kontatu du Meabek. «Ordezkari profesional eta afektiboa izan dut», gaineratu du. Itzultzaile gisa hasi zenetik gaur egunera, bilakaera bat egon dela ohartu da Gabantxo: «20 urte hauetan aurreratu duguna ikustea oso betegarria da: euskal literatura mundu anglosaxoiera ekartzen ari gara». Era berean, Meabek gaineratu du itzulpenak «lotura kulturalak» direla: «Aberastu egiten dute hizkuntzen arteko trukea». Zehazki, 2015. urtean sortu zuten Etxepare-Laboral Kutxa saria, jatorriz euskaraz idatzitako literatura lanen itzulpenak saritzeko. Ordutik, hainbat lan itzuli dituzte. Besteak beste, Katixa Agirreren Amek ez dute nederlanderara, iaz; Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea japonierara, 2021ean; eta Eider Rodriguezen Bihotz handiegia gaztelaniara, 2020an. Gabantxok, bere aldetik, euskal literaturako hainbat pieza itzuli ditu ingelesera. Tartean, Harkaitz Canoren Twist eta Belarraren ahoa; Meaberen Kristalezko begi bat; Anjel Lertxundiren Zorion perfektua; Unai Elorriagaren Vredaman eta Bernardo Atxagaren Borrokaria.
2023-10-5
https://www.berria.eus/albisteak/233622/indarkeriaren-biktima-diren-hamar-adingabetatik-zortzi-neskak-dira.htm
Gizartea
Indarkeriaren biktima diren hamar adingabetatik zortzi neskak dira
Save the Children erakundeak umeen kontrako sexu erasoei buruzko sententziak aztertu ditu, eta ondorioztatu du prozesu judiziala luzatu egin dela.
Indarkeriaren biktima diren hamar adingabetatik zortzi neskak dira. Save the Children erakundeak umeen kontrako sexu erasoei buruzko sententziak aztertu ditu, eta ondorioztatu du prozesu judiziala luzatu egin dela.
Adingabeen kontrako hamar sexu erasotatik zortzitan, erasotzailea familiako kide bat edo umearen ezagun bat izan ohi da. Hala dio Save the Children erakundeak argitaratu berri duen txosten batek: Por una justicia a la altura de la infancia (Haurtzaroaren pareko justizia batengatik). Dokumentua egiteko, adingabeen kontrako sexu erasoei buruzko 400 sententzia inguru aztertu dituzte, eta horietako 46 Arabakoak, Bizkaikoak eta Gipuzkoakoak dira. Ikerketa aurrera eraman badute ere, datuak lortzea zaila izan dela aitortu du erakundeak. Izan ere, sexu indarkeria «haurtzaroaren kontrako indarkeria mota larrienetako bat» dela diote, baina oharkabean pasatzen dela. Hala baieztatu du Catalina Perazzo erakundeko eragin sozial eta politikoko buruak: «Datu horiek izebergaren punta besterik ez dira, sexu-abusu kasuen %15 bakarrik salatu ohi baitira. Uste da gisa horretako kasuak ez direla existitzen, eta gure inguruko ume bati erasotzen badiote nabarituko genukeela, baina datuek ez diote hori». Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kasuak aztertuta, biktimen profila nahiko zehatza da: neska eta 10-14 urte bitartekoa. Biktimen %80 eta %63, hurrenez hurren. Erasotzaileari dagokionez, gehienak −%80 inguru− ezagunak izan ohi dira umearentzat, familiakoa izan ala ez. Eraso horiek salatzeko prozesua, berriz, biktimak berak eta haren amak aktibatu ohi dute. 2019-2020ko alditik prozesu horren iraupena nabarmen luzatu dela azpimarratu du erakundeak, horrek dakarren guztiarkein. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, erraterako, prozesuak bi eta hiru urte bitarte iraun zuen aztertutako kasuen ia %24ean. Tarte horretan kokatzen da, gainera, kasuen gehiengoa. Prozesu horretan biktimak deklaratu behar du, hori baita ebidentziarik garrantzitsuenetako bat. Forga hori jasotzen den moduaz hausnartu du Perazzok: «Garrantzitsua da baliabide egokiak izatea deklarazio hori jasotzeko eta epaiketan erabili ahal izateko. Ez da bidezkoa ume batek gertatutakoa behin baino gehiagotan kontatu behar izatea, baina gaur egun ohikoa da». Hori ez gertatzeko, eta umeak deklarazioa behin bakarrik egiteko, aurretiazko froga delakoa eraman behar da epaiketara. Hau da, biktimaren deklarazioa grabatu egiten da, behin eta berriz ez dezan hitz egin. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kasuen ia %80etan ez da froga mota horri buruzko aipamen bakar bat ere egiten. Hala ere, biktimaren deklarazioa epaiketen ia %70etan erabili zen. Prozesua luzea izanda ere, elkarteak dio gehiengoetan kondenak daudela −Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, adibidez, kasuen %90etan− eta absoluzio gehienak froga faltagatik egin ohi direla. Proposamena Salatzen diren kasu bakan horien gehiengoetan erasotzailea kondenatzen badute ere, erakundeak argi du oraindik ezartzeko dagoela umeak sexu erasoetatik babesten dituen «justizia sistema espezializatu» bat. Hala, zenbait proposamen bildu dituzte txostenean: epaitegi eta talde tekniko espezializatuak beharrezkoak direla diote, batez ere probintzia auzitegietan. Horrez gain, esan dute umeak biktima diren kasu guztietan parte hartu beharko lukeela haurtzaroaren aurkako indarkerian aditua den fiskaltzak. Aurretiazko froga egitearen garrantzia ere azpimarratzen du dokumentuak: «Hori egitea aukera bat da biktima urruntzeko epaitegiko instalazioetatik, horrek dakarren guztiarekin. Gainera, beharrezkoak ez diren deklarazioak eta azterketak ez egiteko aukera ere bada». Horrekin lotuta, erakundeak proposatu du Barnahus eredua ezarri dezatela: adingabe batek sexu eraso bat pairatzen duenean erantzuteko eredu bat da, arreta integraleko. Kasu horietan, esku hartu behar duten guztiak koordinatu egiten dira, eta leku berean egiten dute lan, biktima ez birbiktimizatzeko. EAE Euskal Autonomia Erkidegoan, adibidez, jada martxan dago proiektua: urtearen amaieran irekiko dute, Gasteizen. Save the Childrenek egindako propsamenak ez dira berriak, haurrei egindako sexu erasoak nola kudeatzen diren aztertu baitzuten 2017an. Lau urte geroago, bertze dosier bat zabaldu zuten sistema judizialak adingabeek eskubideak errespetatzen dituen ala ez ikusteko. Izan ere, duela bi urte Espainian aurrerapen bat izan zen haurrak biolentziatik babesteko legedian −Hego Euskal Herrian ere eragina du−. 8/2021 Lege Organikoa onartu zuten, zeinean ezartzen den prebentzioa funtsezkoa dela indarkeria mota hori eragozteko. Hala ere, gaur egun ez dago adingabeak indarkeriaz babesten dituen lege espezifikorik, ez Hego Euskal Herrian, ez Espainian.
2023-10-5
https://www.berria.eus/albisteak/233623/sanchezek-ez-du-amnistiari-buruzko-jarrera-finkatuko-negoziatu-arte.htm
Mundua
Sanchezek ez du amnistiari buruzko jarrera «finkatuko» negoziatu arte
Inbestidura saioa premiazkotzat jo du Sanchezek. Ordurako gehiengo parlamentarioa osatzeko «topalekua» bilatu behar dutela dio.
Sanchezek ez du amnistiari buruzko jarrera «finkatuko» negoziatu arte. Inbestidura saioa premiazkotzat jo du Sanchezek. Ordurako gehiengo parlamentarioa osatzeko «topalekua» bilatu behar dutela dio.
Europako Erkidego Politikoaren topaketa egiten ari dira gaur Granadan (Espainia), eta han dira Europako estatuetako buruak; tartean, Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidente eta PSOEren presidentegaia. Granadako Kongresu Jauregirantz zihoala, galdera bota dio kazetari batek: «Amnistiarik izango da edo ez?». Sanchezek ez du erantzun argirik eman: «negoziatzen» ari da talde parlamentarioekin. «Espainiako Gobernuak indultuak onartu zituenean, konfiantza nuen horrek lagunduko zuela Kataluniako politika egonkortu eta normalizatu zedin; orain, ziur naiz erabaki ona izan zela», gehitu du. Asteartean, Felipe VI.ak gobernua osatzeko enkargua egin zion Sanchezi, Alberto Nuñez Feijoo PPren presidentegaiaren inbestidurak porrot egin eta gero. Sanchezen alde bozkatzeko, bi baldintza jarri dizkiote Kataluniako alderdi independentistek, ERC Esquerra Republicanak eta JxC Junts Per Catalunyak: prozesu subiranistak eragindako errepresaliatuei amnistia ematea eta autodeterminazio eskubidea baliatzeko urratsak egitea. Sanchezek gaur egin dituen adierazpenen arabera, eztabaidatzen ari dira oraindik, eta alderdiaren jarrera «finkatuko» dute talde guztiekin elkartu ostean. Fernando Grande-Marlaska apur bat zuzenagoa izan zen atzo, amnistiaren legeari buruz galdetu ziotenean. Haren arabera, «argi» geratu da inbestidurarako negoziatzen den guztia «aurrera egiteko» izango dela. Elkarrizketaren alde egin zuen jarduneko Barne ministroak, eta azpimarratu zuen «konstituzioaren markoaren pean» arituko direla. Oraindik ez dute egunik zehaztu Sanchezen inbestidurarako —epemuga azaroaren 27a da—. Sanchezek premiazkoa dela esan du, «ja bost aste galdu direlako», Feijooren saioaren porrota tarteko. Gaur-gaurkoz, Sanchezek ez du behar besteko babesik berriro presidente izendatua izateko. Aitzitik, adierazi du gehiengo parlamentarioa osatzeko «topalekua» aurkitu behar dutela, betiere konstituzioa errespetatuz. Azken asteetan egin dituzten adierazpenak aintzat hartuta, PSOEk iradoki du amnistiaren legearen baldintza onartuko duela; autodeterminazioarena, aldiz, ez. Nolanahi ere, badira aldeak ERCren eta JxCren diskurtsoen artean; esaterako, Carles Puigdemont JxCren buruak ez zuen erreferenduma aipatu ere egin aurreko igandean, U-1eko galdeketaren seigarren urteurrenaren harira egindako agerraldi batean.
2023-10-5
https://www.berria.eus/albisteak/233624/32-milioi-eurotik-gorako-ondareen-jabeek-ordainduko-dute-zerga-berezia.htm
Ekonomia
3,2 milioi eurotik gorako ondareen jabeek ordainduko dute zerga berezia
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek fortuna handien gaineko zergaren baldintzak hitzartu dituzte.
3,2 milioi eurotik gorako ondareen jabeek ordainduko dute zerga berezia. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek fortuna handien gaineko zergaren baldintzak hitzartu dituzte.
Espainian baino urtebete geroago, baina Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere aplikatuko da fortuna handien gaineko aldi baterako zerga berezia. Zerga hori arautzen duten foru arauen proiektuaren aurrekoak gaur onartu dituzte hiru foru gobernuek, eta asmoa da urtea bukatu aurretik onartua izatea. Batzar nagusietako eztabaidan aldaketarik gabe aurrera egingo balu, 3,2 milioi eurotik gorako ondarea dutenek pagatuko dute zerga hori, eta progresiboa izango da. Ordaindu beharreko tasetan, ordea, bada alderik. Bizkaian, %1,5eko tasa dute 3,2 eta 6,4 milioi arteko ondareek, eta Gipuzkoan eta Araban, berriz, %1,7koa. Azken bi lurralde horietan erdibideko tasak (%2,1 eta %2,5) handiagoak dira Bizkaian baino (%1,75 eta %2); azkenekoan, ordea, ez (%3,5, hiru lurraldeetan). Fortuna handien gaineko zerga, hain zuzen, ondare zergaren osagarria izango da hiru lurraldeetan. Hau da, ondarearen zergan dagoeneko ordaindu dutenaren adinako kenkari bat ezarriko diete fortuna handien gainekoan, zergapekoek ez dezaten bi aldiz ordaindu kontzeptu berarengatik (ondarea). Zerga iheslariak Berez, zerga hori sortzeko arrazoia izan da ondare zergari izkin egin diotenek beren ondare handiaren truke zerga bat ordaintzea. Hori ez da gertatzen Hego Euskal Herrian, baina bai PPren esku dauden Espainiako erkidego batzuetan, azken urteetan zero tasa bat jarri baitiote ondare zergari. Politika horrek eragin du dirudun asko Madrilen helbideratzea. Hasieran, zerga bi urterako izatea proposatu zuen Pedro Sanchezen gobernuak, eta hala onartu zuten Espainiako Gorteek ere, baina ez da baztertu behar zerga finko bihurtzea. Hori eskatu du, esaterako, Sumarrek. Aldundiek eta Jaurlaritzak Espainiako Gobernuarekin hitzartutakoaren arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan indarrean egongo da Espainian indarrean iraun bitartean. Elkarrekin Podemosen botoak Gaur proposatutako foru arauak ez luke aurrera egingo Bizkaiko Batzar Nagusietan, han gehiengo osoa baitute foru gobernua osatzen duten bi alderdiek (EAJ eta PSE-EE). Bi talde horiek daude agintean Arabako eta Gipuzkoako aldundian ere, baina ez dute gehiengorik batzar nagusietan, eta gutxienez beste alderdi baten babesa beharko lukete. Pentsatzekoa da Elkarrekin Podemos taldeko batzarkideek —hiru Araban eta bi Gipuzkoan— arauak babestuko dituztela, Espainian haiek proposatu baitzuten zerga hori. Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak bezala, Nafarroak ere lortu zuen iaz Madrilen erabakitako zerga bere sistema fiskalean gehitzeko eskubidea. Hala ere, Maria Txibiteren gobernuak ez du zerga berria sortu nahi izan, eta, horren ordez, ondare zergaren tasak handitu ditu, EH Bildurekin lortutako akordio baten ondorioz.
2023-10-6
https://www.berria.eus/albisteak/233625/gaur-hasiko-dira-dantzan-bilaka-koreografia-jardunaldiak.htm
Kultura
Gaur hasiko dira Dantzan Bilaka koreografia jardunaldiak
Askotariko mugimendu hizkuntzak nahasten dituzten lanak aurkeztuko dituzte parte hartzaileek. Igandera arte iraungo dute, eta Bilboko Alondegian izango dira
Gaur hasiko dira Dantzan Bilaka koreografia jardunaldiak. Askotariko mugimendu hizkuntzak nahasten dituzten lanak aurkeztuko dituzte parte hartzaileek. Igandera arte iraungo dute, eta Bilboko Alondegian izango dira
«Lan koreografikoen prozesuak partekatzeko esparru bat» dira Dantzan Bilaka aurkezpen jardunaldiak. Hala azaldu dute Maia Villot eta Angela Millano batzorde artistikoko kideek. Duela lau urte egin zituzten lehen aldiz dantza sorkuntza sustatzeko topaketak, eta «oso aberasgarriak» izan direla ziurtatu dute. Artistek emanaldien aurretik egiten dituzten formakuntza saioek, gainera, «komunitatea sortzen» laguntzen dute, askotariko diziplinek eta kolaboratzaileek bat egiten dutelako. Gaurtik igandera izango dira emanaldiak, Bilboko Alondegian. Natalia Garcia Muro, Eire Larrea Alonso, Izarne Oiarzabal, Ander Fernandez, Dacil Wijkstrom, dpvillanueva eta Oihana Altube, eta Ane Zapirain Gorostegi artistek aurkeztuko dituzte beren obrak. Dantza oinarri hartuta sortu badituzte ere, guztiek ez dute koreografia itxura hartuko. «Izarne Oiarzabalek, adibidez, audio bitartez erakutsiko digu bere lanaren emaitza», aurreratu du Millanok. Eire Larrea Alonsok, berriz, emakume eskalatzaileen kolaborazioarekin sortu duen lana aurkeztuko du. «Tailerretan egin daitekeen guztia sortua dagoela uste dugu batzuetan, baina, bat-batean, koreografo berri bat etorri eta zerbait berria erakusten digu», onartu du Villotek. 19:00etan eta 20:00etan izango dira gaurko ikuskizunak; 16:30ean, 17:30ean eta 18:30ean izango dira larunbatekoak; eta 16:30ean eta 17:30ean igandekoak. Aurtengo lanak aurkezteaz gain, Carolina Campos artistaren Ko-laguntza praktikak izeneko tailerrean parte hartzeko aukera izango dute bai koreografoek, bai publikoak. Hausnarketa saioak izango direnez, emanaldi guztietara joateko konpromisoaz eman behar du izena ikusleak. Koreografoekiko errespetu kontua da: «Aintzat hartu behar da ikasle gehienen lehenengo lana izango dela, eta entseguetan eta praktiketan murgilduak egongo direla». Hainbat berrikuntza Koreografoek materialak gehitu edo ezabatu ditzaten Dantzan Bilaka jardunaldien webgunea sortu zuten iaz. Batzorde artistikoak hartu zuen erabakia eta aurten ere zeozer berezia egiteko helburua bete dute. «Lorea Alfarok diseinatutako poster bat eman diegu. Gutxieneko informazioa ematen die, behar baino urduriago jar ez daitezen», kontatu du Villotek. «Posterra jardunaldietako oroigarri ere izatea nahi dugu, zaborretara bota ordez, etxean zintzilikatu edo gordetzeko». Horrez gain, eskaintzen dieten diru laguntza eskuratu ahal izateko, jardunaldietan antolatu dituzten jarduera guztietara joan beharko dute parte hartzaileek. Emanaldien aurretik jaso dituzten formakuntza saioak dira jarduera horien adibide nagusiak, Ibon Salvador eta Mar Medina izan dituzte irakasle. «Mendian formakuntza saio bat egiteko eskatu zigun Mar Medinak. Inoiz ikusi ez ditugun gauzak gertatu ziren bertan», adierazi du Millanok.
2023-10-5
https://www.berria.eus/albisteak/233626/makrozentral-fotovoltaikoek-eragindako-kolonizazio-mehatxua-salatu-du-arabako-nekazari-elkarteak.htm
Gizartea
«Makrozentral fotovoltaikoek» eragindako «kolonizazio mehatxua» salatu du Arabako Nekazari Elkarteak
Duranan, Zurbaon, Arroiaben, Uribarri Ganboan, Arzubiagan eta Uribarri Arratzuan panel fotovoltaikoak jartzeko plana abiarazi du Arratzua-Ubarrundiko Udalak, «nekazaritzarako balio handia» duten lurrak «okupatuz».
«Makrozentral fotovoltaikoek» eragindako «kolonizazio mehatxua» salatu du Arabako Nekazari Elkarteak. Duranan, Zurbaon, Arroiaben, Uribarri Ganboan, Arzubiagan eta Uribarri Arratzuan panel fotovoltaikoak jartzeko plana abiarazi du Arratzua-Ubarrundiko Udalak, «nekazaritzarako balio handia» duten lurrak «okupatuz».
Dekretu baten bidez onartu zuen Blanca Antepara Arratzua-Ubarrundiko alkateak (EAJ) Vitoria Solar-1 Eguzki Instalazio Fotovoltaikoaren Plan Berezia, abuztuaren 29an. Arratzu-Ubarrundia udalerriko 1.100 hektareatan bi makrozentral fotovoltaiko ezartzea aurreikusten du planak —Vitoria Solar-1 eta Vitoria Solar-2—; Duranan, Zurbaon, Arroiaben, Uribarri Ganboan, Arzubiagan eta Uribarri Arratzuan, hain zuzen. Gaur goizean egindako agerraldi batean, egitasmo horien aurka agertu da Arabako Nekazarien Elkartea, kaltetutako herrietako batzar administratiboekin batera. «Kolonizazio mehatxua» salatu dute, hau da, makrozentralak instalatzeko herritarren lur emankorrak «okupatu» nahi dituztela. Lurralde historikoaren natura zaintzeko plana dela argudiatu dute Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak hasieratik. Nekazarien elkartea, baina, ez da iritzi berekoa: «Tresna mugagabeak dituen aurkari baten aurrean abandonatuta gaude; eta ez dute beldurrik izango tresna horiek erabiltzeko». Solaria enpresa dagoeneko lurrak erosten hasia dela adierazi du Edurne Basterra Arabako Nekazarien Elkarteko presidenteak, eta horretarako «diru kantitate erraldoiak» eta «xantaia» erabili dituela. «Ez daukagu salerosketen datu objektiborik: udalak ez dizkigu eman nahi», adierazi du Basterrak. Hala ere, herritarrek emandako testigantzak «nahikoa» izan dira proiektuaren kontrako alegazioak aurkezteko. Pedro Espinosa Duranako administrazio batzarreko kideak azaldu du salerosketa prozesua nolakoa den: «Ez gaituzte parte hartzera gonbidatu edo proposamen teknikorik egin. Besterik gabe, xantaia egiten saiatzen dira, dirua eskaintzen digute, edo, batzuetan, prebarikazioaren aldeko jarrera izatera bultzatzen gaituzte». Argi dute nekazariek «mehatxuen aurrean geldirik geratzeko asmorik ez» dutela, eta EH Bildu eta Goazen alderdiei eskatu diete haien «borrokara» batzeko. Hurrengo hilabeteetan alegazio «teknikoagoak» egiteko asmoa dutela gaineratu dute, «entitate handiagoen babesa jasotzeko». Bien bitartean, «etenik gabe» lan egingo dutela azaldu du Jose Javier Ruiz de Arkaute Arzubiagako batzarkideak: «Ezin gara prentsaurreko honetan gelditu; borrokatzen jarraitu behar dugu».
2023-10-5
https://www.berria.eus/albisteak/233627/errusiaren-bonbardaketa-batek-gutxienez-51-pertsona-hil-ditu-kharkiven.htm
Mundua
Errusiaren bonbardaketa batek gutxienez 51 pertsona hil ditu Kharkiven
Ukrainako iturri ofizialek jakinarazi dutenez, denda baten eta kafetegi baten kontrakoa izan da erasoa. «Nahita egindako terrorismo ekintza bat da», salatu du Zelenskik.
Errusiaren bonbardaketa batek gutxienez 51 pertsona hil ditu Kharkiven. Ukrainako iturri ofizialek jakinarazi dutenez, denda baten eta kafetegi baten kontrakoa izan da erasoa. «Nahita egindako terrorismo ekintza bat da», salatu du Zelenskik.
Errusiako armadaren bonbardaketa baten ondorioz, gutxienez 51 pertsona hil dira, gaur, Kharkiv eskualdeko Kupiansk hirian, Ukraina ekialdean. Associated Press berri agentziak iturri ofizialak aipatuz kaleratu duenez, denda bati eta kafetegi bati egin diete eraso Kremlinen indarrek, han 13:15 inguru zirenean. «Krimen izugarri bat egin du Errusiak; nahita egindako terrorismo ekintza bat da», salatu du Volodimir Zelenskik, Telegramen. Ukrainako presidenteak Europako Komunitate Politikoaren bileran parte hartu du, Granadan (Espainia). Oleg Sinegubov Kharkiveko gobernadoreak nabarmendu du «zibil asko» zeudela kafetegian eta dendan, erasoa gertatu den unean. «Etsaiak beste gerra krimen bat egin du». Jakinarazi duenez, orain gutxi hildako hango auzotar baten omenez bilduta zeuden bi lokal horietan. Besteak beste, sei urteko haur bat hil da. Larrialdi zerbitzuek dagoeneko eten dituzte erreskate lanak. Horren guztiaren harira, Ukraina Errusiatik babesteko orduan «Europaren batasunari eustea» eskatu du gaur Zelenskik, Europako 40tik gora estatutako liderrei mintzatu baitzaie. Europako estatuen laguntza ziurtatzeko beharra sentitu du Ukrainako presidenteak, kontuan hartuta AEBek emandako babesean arrakala bat sortu dela, behin AEBetako Kongresuak onartutako azken aurrekontutik kanpo utzi ondoren Ukrainari laguntza militarra emateko diru sailak. Europak ere ez du bakarrik geratu nahi laguntza ematean. Errusiaren base bat Abkhazian Georgiako Gobernuak salatu du «probokazio bat» dela Errusiak base militar bat edukitzea Abkhazian, horrek «urratu» egiten duela haren subiranotasuna. Georgiako errepublika autonomo bat da, 1992tik independentea dena de facto. Abkhaziako presidenteak jakinarazi du, gaur, Moskurekin akordio bat egin dutela, han base militar bat izan dezan.
2023-10-5
https://www.berria.eus/albisteak/233628/turismo-gastronomikoaren-munduko-foroa-hasi-da-tabakaleran.htm
Bizigiro
Turismo Gastronomikoaren Munduko Foroa hasi da Tabakaleran
MTE Munduko Turismo Erakundeak turismo arduratsuaren enbaxadore izendatu ditu Pedro Subijana eta Martin Berasategi euskal sukaldariak, eta Fatmata Binta Sierra Leonakoa. Gastronomiaren alde egin duten lana eta tokiko produktuari ematen dioten balioa saritu dituzte.
Turismo Gastronomikoaren Munduko Foroa hasi da Tabakaleran. MTE Munduko Turismo Erakundeak turismo arduratsuaren enbaxadore izendatu ditu Pedro Subijana eta Martin Berasategi euskal sukaldariak, eta Fatmata Binta Sierra Leonakoa. Gastronomiaren alde egin duten lana eta tokiko produktuari ematen dioten balioa saritu dituzte.
Gaur hasi eta larunbatean amaituko da, Donostian, Turismo Gastronomikoaren VIII. Munduko Foroa. Goizean egin dute inaugurazio ekitaldia, eta han izan dira, besteak beste, Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburua; Rosana Morillo Espainiako Gobernuko Turismoko Estatu idazkaria; Azahara Dominguez Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolamenduko diputatua; Eneko Goia Donostiako alkatea; Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusia, eta Zurab Pololikashvili Turismoaren Mundu Erakundeko idazkari nagusia. Turismo gastronomikoa: sustraietara itzultzea da aurtengo foroaren leloa, eta produktuaren, gastronomiaren eta turismoaren arteko loturetan jarriko dute begirada. Hiru egunez, industriako profesionalek, adituek eta erakundeetako ordezkariek mahai inguruak, lantegi praktikoak eta sukaldaritza erakustaldiak egingo dituzte Tabakaleran, tokiko eta nazioarteko sukaldari eta ekoizleekin batera. Inaugurazio ekitaldian, turismo arduratsuaren enbaxadoreak izendatu dituzte: Pedro Subijana eta Martin Berasategi euskal sukaldariak, eta Fatmata Binta Sierra Leonakoa —Basque Culinary World Prize saria irabazi zuen iaz—. Hiru sukaldari horiek gastronomiaren alde egin duten lana eta tokiko produktuari ematen dioten balioa saritu ditu Munduko Turismo Erakundeak. Gaur eta bihar, bereziki aztertuko dituzte turismoak zer egin dezakeen landa garapena sustatzeko, erresilientzia ekonomikoa sortzeko eta kultura ondarea zaintzeko, eta produktuen, gastronomiaren eta turismoaren arteko loturak analizatuko dituzte. Alde horretatik, Afrikako gastronomiaren inguruan aritu da hizketan Auxillia C. Mnangagwa. Zimbabweko gobernuko ministro izandakoa da, eta egungo presidente Emmerson Mnangagwaren emaztea. Afrikako Gastronomia. Komunitateak ahalduntzen izan da haren hitzaldiaren izenburua. Joao Rodrigues sukaldariak, berriz, Portugalgo Projecto Materia egitasmoari buruzkoak azaldu ditu —nekazarien eta sukaldarien arteko elkarlana sustatzeagatik hainbat sari jasotakoa da—. Eta Angochagua (Ekuador) eta Valposchiavo (Suitza) herrietako ordezkariek ere hitz egin dute. Munduko Turismo Erakundearen iritziz, munduko herri turistiko onenen artean daude bi horiek. Tania Endarak azaldu ditu Angochaguan dute proiektuari buruzkoak, eta Kaspar Howaldeko Valposchiavon dutenari buruzkoak. Biek nabarmendu dute «bertakoari» balioa ematearen garrantzia, eta turismoak euren proiektuetan izan duen garrantzia azpimarratu dute, baina «modu orekatuan» baliatu beharra ere bai. «Gurea erakutsiz zaintzen ditugu, baina eskatzen diegu gurea zaintzeko eta errespetatzeko ere», nabarmendu du Tania Endarak. Hitzaldi horien leloak laburbiltzen du gaia: Gastronomiak eta lurraldeak topo egiten dutenean. Era berean, aztertu dute adimen artifizialak zer eragin izan dezakeen turismo gastronomikoan. Miguel Flecha Accenture Europako zuzendariak eman ditu gakoak. Bihar aurrera jarraituko dute foroko mahai inguru eta hitzaldiek, eta arratsaldean emango dute ondorioen berri. Tartean, forora etorritako nazioarteko kideek irteerak egingo dituzte euskal kostaldera eta barnealdera, turismo gastronomikoaren guneetara. Etzi, Culinary Plaza izeneko azoka jarriko dute Tabakaleran. Besteak beste, Botswana, Zimbabwe eta Saudi Arabiako gastronomia ezagutzeko aukera egongo da. Basque Culinary Centerrek antolatu du, eta irekia da sarrera.
2023-10-5
https://www.berria.eus/albisteak/233629/moralaren-poliziaren-ustezko-eraso-baten-ondorioz-koman-dagoen-neska-baten-afera-ikertzeko-eskatu-dute.htm
Mundua
Moralaren Poliziaren ustezko eraso baten ondorioz koman dagoen neska baten afera ikertzeko eskatu dute
Ilea estalita ez eramateagatik bultzatu zuen Moralaren Poliziak, Teherango Metroan, lekukoen arabera. Agintarien arabera, berez erori zen, «tentsio jaitsiera batek zorabiatuta».
Moralaren Poliziaren ustezko eraso baten ondorioz koman dagoen neska baten afera ikertzeko eskatu dute. Ilea estalita ez eramateagatik bultzatu zuen Moralaren Poliziak, Teherango Metroan, lekukoen arabera. Agintarien arabera, berez erori zen, «tentsio jaitsiera batek zorabiatuta».
Igandean gertatu zen, Irango hiriburuko Shohada metro geltokian. Zabaldu dituzten zaintza kameretako irudietan ikus daitekeenez, neska talde bat sartu zen trenean. Ilea bistan zuten lagunek. Baina, berehala, ikusten da nola neskek besoetan ateratzen duten haietako bat. Armita Geravand da lurrean dagoen neska; 16 urte ditu, eta artea ikasten du, lagunek bezala. Haiek esan dutenez, trenaren barruan Moralaren Poliziako kide batzuekin egin zuten topo. Irango agintari erlijiosoek ilea estalita izateko agintzen diete emakumezkoei, Islamak hala agintzen duela argudiatuta, eta Moralaren Poliziako kideak kaleetan eta garraio publikoan patruilan ibiltzen dira, debekua betearazten. Horietako batek, lekuko baten arabera, kargu hartu zion Geravandi, ilea bistan eramateagatik. Neskak bakean uzteko erantzun zion. Poliziak, orduan, eraso egin zion gazteari, eta metroko bagoiaren barretako baten kontra bultzatu zuen. Gazteak konortea galdu zuen, eta erietxe militar batera eraman zuten. Koman dago orduz geroztik. Agintariek adierazi dute «tentsio jaitsiera batek zorabiatuta» erori zela gaztea, eta ez zuela inolako arazorik eduki Moralaren Poliziarekin. Irango Giza Eskubideak eta Kurdistango Hengaw taldeek trenaren barruko kamerek harturiko irudiak argitaratzeko eskatu diote Teherango Gobernuari. Horrez gain, nabarmendu dute Irango hedabide publikoetan zabalduriko irudietan 100 segundo falta direla, bideoan agertzen den erlojuari erreparatuta. «Nazioarteko ikerketa independente bat egitea ezinbestekoa da, xehetasunak azaltzeko», adierazi du Irango Giza Eskubideak taldeak, eta munduko gobernuei eskatu die estu hartzeko Iran, Nazio Batuen Erakundearen ikerketa misio bat onar dezan. Beste Amini bat? Duela gutxi hasi da Moralaren Polizia berriz lanean, hainbat hilabetez kaleetatik at egon ostean; hain zuzen, gobernuak agindua zion hori, duela urtebete Mahsa Amini gaztea antzeko gertaera batean hil zela eta. 22 urteko neska kurdua atxilotu egin zuen Irango Moralaren Poliziak, iazko irailaren 13an, beloa «gaizki jarrita» eramateagatik. Poliziaren arabera, egun hartan bertan bihotzeko bat izan zuen Aminik, Teherango komisaria batean, eta ospitalean hil zen, hiru egunez koman egon eta gero. Gurasoek salatu zuten ez zegoela gaixo atxilotu aurretik. Hurrengo egun eta asteetan, Teherango indar armatuek gutxienez 185 pertsona hil zituzten Kurdistanen eta Iranen izandako protestatan. Orain koman dagoen gaztea ere, Geravand, kurdua dela esan du Hengaw elkarteak. Salatu dute segurtasun handiko erietxe militar batera eraman zutela, eta senideei telefonoak kendu dizkietela. Taldeak esan du ama atxilotu egin dutela.
2023-10-6
https://www.berria.eus/albisteak/233630/plastiko-konpostagarriz-eginiko-poltsak-toxikoagoak-direla-ondorioztatu-dute.htm
Bizigiro
Plastiko konpostagarriz eginiko poltsak toxikoagoak direla ondorioztatu dute
Ohartarazi dutenez, konposta egitean poltsa konpostagarriak erabiltzean, konposta kutsatzen dute.
Plastiko konpostagarriz eginiko poltsak toxikoagoak direla ondorioztatu dute. Ohartarazi dutenez, konposta egitean poltsa konpostagarriak erabiltzean, konposta kutsatzen dute.
Plastiko konpostagarrien poltsetan toxikotasun handia dagoela frogatu dute Espainiako Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusiko (CSIC) ikertzaileek, in vitro egindako azterketa batean. Gainera, ikusi dute toxikotasun hori handitu egiten dela fotodegradazioarekin, hau da, izpi ultramoreek haietan eragiten dutenean. Journal of Hazardous Materials aldizkarian argitaratu dute lana. Haren arabera, hiru plastiko mota alderatu dituzte: konpostagarria, lehen erabilera zuen plastikoa, eta plastiko birziklatuz egindakoa. Zehazki, haien toxikotasuna neurtu dute, zebra-arrainen zelula-lerroetan, hiru modutara: zuzenean, poltsetako laginetatik abiatuta; izpi ultramorez zahartzearen simulazioa eginda (fotodegradazioa); eta kalitatezko ongarri edo konposta bihurtu ondoren geratzen ziren poltsen zati txikiena. (jarraitu irakurtzen, 'Elhuyar' aldizkarian)
2023-10-5
https://www.berria.eus/albisteak/233631/gutxienez-80-lagun-hil-dira-sirian-drone-bidezko-eraso-baten-ondorioz.htm
Mundua
Gutxienez 80 lagun hil dira Sirian, drone bidezko eraso baten ondorioz
Homs hiriko akademia militar bateko zeremonia batean izan da erasoa. Arratsaldetik Idlib probintziako zenbait eremu bonbardatzen ari da Siriako Gobernua.
Gutxienez 80 lagun hil dira Sirian, drone bidezko eraso baten ondorioz. Homs hiriko akademia militar bateko zeremonia batean izan da erasoa. Arratsaldetik Idlib probintziako zenbait eremu bonbardatzen ari da Siriako Gobernua.
Drone bidezko eraso batean, gutxienez 80 lagun hil eta ehunka zauritu dira gaur Sirian, Homs hirian. Akademia militar bateko zeremonia baten erdian izan da, 18:00ak izateko ordu erdiren faltan. Siriako Osasun Ministerioak handik ordu gutxira jakinarazi duenez, zibilak eta militarrak daude hildakoen artean, baita sei haur ere. Giza Eskubideetarako Behatoki Siriarraren arabera —Londresen du egoitza—, berriz, ehundik gora lirateke hildakoak. Zeremonia horretan zen Siriako Defentsa ministroa, baina, akademiako segurtasun langileen arabera, ez zegoen hor droneak eztanda egin duenean. Defentsa ministroak «eraso terroristatzat» jo du gertatutakoa, argudiatuta «talde terroristek» droneak erabili izan dituztela beren erasoak egiteko, eta eraso horiei «ahalik eta indartsuena» erantzungo dietela ohartaraziz idatzi du X sare sozialean. Oraingoz, inork ez du Homseko drone erasoa bere gain hartu. Halere, tokiko hedabideek jakinarazi dutenez, arratsaldetik Idlib eskualdeko zenbait eremu bonbardatzen ari da Siriako Gobernua. Oraingoz, sei lagun hil dira eraso horien ondorioz. Bestalde, herritar andana argindarrik gabe gelditu dira. Bi erasoen harira —Homsen drone baten bidez egindakoa, batetik, eta Siriako Gobernuak Idlibera jaurtitako bonbardaketak, bestetik—, «oso larrituta» dagoela esan du NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari Antonio Guterresek. Siriako instalazio militar baten aurka egindako eraso larrienetako bat izan da, baita aurrez ikusi gabekoa ere. Izan ere, nahiz eta 2011. urtetik herrialdea gerran amilduta dagoen, drone bidez egin den halako lehen erasoa izan da: masiboa eta talde armatu batek egina, armada batek beharrean.
2023-10-5
https://www.berria.eus/albisteak/233632/buesaren-omenezko-monolitoari-eraso-egin-diote-pintura-beltzarekin.htm
Politika
Buesaren omenezko monolitoari eraso egin diote pintura beltzarekin
Fernando Buesa Blanco fundazioak salatu du «gorrotoaren diskurtsoa bizirik» dagoela oraindik gizartean.
Buesaren omenezko monolitoari eraso egin diote pintura beltzarekin. Fernando Buesa Blanco fundazioak salatu du «gorrotoaren diskurtsoa bizirik» dagoela oraindik gizartean.
ETAk 2000. urtean hil zuen PSE-EEko gidari Fernando Buesa, eta haren omenezko monolitoaren plaka pintura beltzarekin estali dute Gasteizen, Fernando Buesa Blanco fundazioak salatu duenez. Jorge Diez bizkartzaina ere hil zuten atentatu horretan. Fundazioak salatu du «gorrotoaren diskurtsoa bizirik» dagoela oraindik gizartean, eta gertaturikoa «gaitzestea beharrezkoa» dela, «beste aldera begiratu» gabe, «terrorismoari zilegitasuna kentzeko». Eraso horren ostean, erakunde eta alderdi politikoen gaitzespena iritsi da.
2023-10-6
https://www.berria.eus/albisteak/233658/uiaak-arbuiatu-egin-du-alpinismoaren-historia-aldatzeko-ahalegina.htm
albisteak
UIAAk arbuiatu egin du alpinismoaren historia aldatzeko ahalegina
Alpinismo Elkarteen Nazioarteko Batasunak (UIAA) adierazpen bat kaleratu du, eta gaitzetsi egin du historia auzitan jartzeko saioa eta Reinhold Messner, Jerzy Kukuczka, Erhard Loretan, Alberto Iñurrategi, Edurne Pasaban, Juanito Oiarzabal eta beste hainbat alpinista hamalau zortzimilakoen zerrendatik ezabatzeko asmoa.
UIAAk arbuiatu egin du alpinismoaren historia aldatzeko ahalegina. Alpinismo Elkarteen Nazioarteko Batasunak (UIAA) adierazpen bat kaleratu du, eta gaitzetsi egin du historia auzitan jartzeko saioa eta Reinhold Messner, Jerzy Kukuczka, Erhard Loretan, Alberto Iñurrategi, Edurne Pasaban, Juanito Oiarzabal eta beste hainbat alpinista hamalau zortzimilakoen zerrendatik ezabatzeko asmoa.
Himalaiako urak bere bidera itzuliko ote dira? Erberhard Jurgalski dokumentalistak eginiko ikerketa eta neurketa zehatzen ondotik mendi munduan sortu den burrunbaren berri eman zuen BERRIAk Hamalau zortzimilakoen historia ezbaian? erreportajean. Teknologia berriekin eginiko neurketa zehatz horien arabera, Manaslu, Annapurna eta Dhaulagiri zortzimilakoen gailurrak ez dira orain arte uste zirenak, metro gutxi batzuk harago edo honago daude, eta, beraz, historian zehar zortzimilako horietara igo diren alpinista gehienak ez dira mendiaren puntu gorenera igo. Tartean leudeke Reinhold Messner, Jerzy Kukuczka, Erhard Loretan, Krzysztof Wielicki, Gerlinde Kaltenbrunner edo Nives Meroi, besteak beste, eta tartean leudeke hamalau zortzimilakoak igo dituzten hiru euskal mendizaleak ere: Juanito Oiarzabal, Alberto Iñurrategi eta Edurne Pasaban. Orain arte hamalau zortzimilakoen zerrendan dauden alpinista gehienak garai hartako erreferentziei eta aurrekoen urratsei jarraituz igo izan dira mendi horien tontorretara, eta, beraz, ez da inolako asmo txarrik izan. Iñurrategi eta Pasaban garbi mintzatu ziren: «Gu igo ginenean, gailurrak horiek ziren; jakin bagenu metro batzuk aurrerago zeudela, saiatuko ginen haietara igotzen». Jurgalski eta haren taldea, ordea, zorrotz dabiltza, eta, haien arabera, ezin da esan alpinista handi horiek gailurrera iritsi zirenik. Reinhold Messnerri dagokionez, Annapurnako punturik altuenetik 65 metrora eta desnibelean 5 metro beherago geratu zen, Jurgaslkiren arabera betiere. Juanito Oiarzabal, Alberto Iñurrategi eta Edurne Pasabani dagokienez, Manaslun, duela gutxira arte gailur nagusitzat hartzen zen puntura igo ziren (gerora egiaztatu da 30 metrora dagoela Manasluko gailur-gailurra). Alpinisten artean dabiltzan galderak dira: hain zehatz eta zorrotz jokatu behar ote da? Metro gutxi horien gorabeheragatik ukatu ote daiteke gailur bat, jakinik orduko erreferentziak beste batzuk zirela eta garai hartan ez zegoela egun dagoen teknologiarik puntu altuena zein zen zehazteko? Ezin ote dira gailur horiek ontzat eman? Ezabatu ote daitezke alpinista handi horiek guztiak hamalau zortzimilakoen zerrendatik, hainbeste urtetako ahaleginaren ondotik, eta, areago, alpinismoaren historiako hainbat igoera gogoangarri egin ondoren? Ezbaian jarri ote daiteke himalaismoaren historia bera? Alberto Iñurrategik adierazi zuen moduan, «kontsiderazio kontu bat da, historiaren zer interpretazio egiten dugun». Baina korapilo horretan bada beste mizto bat ere: interpretazio hori nork egin behar du? Nork erabaki behar du aurreko igoera horiekin guztiekin eta hamalau zortzimilakoen orain arteko zerrendarekin zer egin? Zeinek eman behar ditu ontzat orain arteko igoerak edo zeinek esan behar du ez direla balekoak? Jurgalskik eta 8000ers.com webguneko kideek diote beraiek datuak baino ez dituztela eman, ez dagokiela beraiei historia berridaztea, eta historialarien ardura dela hori. Alabaina, ez dago halako historialaririk, ez eta nahas-mahas honetan erabaki irmo bat har lezakeen organismo ofizialik, eta, ondorioz, datu hotzak ari dira nagusitzen. UIAAren adierazpena Inork izatekotan, Alpinismo Elkarteen Nazioarteko Batasunak (UIAA) izan lezake auzi honetan argi pixka bat egiteko adinako itzala, eta, gaiak hartu duen munta ikusirik, adierazpen bat kaleratu du. Idatzi horretan, UIAAk arbuiatu egin du “alpinismoaren historia kolokan jartzea”; ez du bidezkotzat jo Jurgalskiren eta haren lantaldearen ikerketan oinarrituta hainbat alpinista historiko hamalau zortzimilakoen orain arteko zerrenda horretatik kanpo uztea, eta babesa adierazi die alpinista aitzindari horiei guztiei. Argi mintzatu da UIAA. Ikusi beharko da, beraz, adierazpenak zer bide egiten duen eta azkenean zertan bukatzen den auzia. Hauxe da UIAAren adierazpena: «Orokorrean, 8.000 metrotik gorako hamalau tontorrek balio historiko ikonikoa dute. Modu askotan alpinismoaren mundutik haratago doa balio hori, eta kultura unibertsalaren baitakoa da. Reinhold Messnerrek 1986an 14 zortzimilakoak osatu zituenean, goraipatua izan zen gertaera horregatik, baina, agian, horregatik baino gehiago, erronka hori lortu zuen moduagatik, gehienek posible zela pentsatu baino lehen. Oxigenorik gabe, askotan bakarrik eta maiz ibilbide berriak irekitzen igo zituen zortzimilakoak. Messnerrek era askotara jaso du horren aitortza; besteak beste, UIAAko Ohorezko Kide izatearen saria jasota. Haren balentriak jasotako errekonozimendu guztiak merezi ditu, nahiz eta haren lorpenak berriki Errekorren Guinnes Liburutik ezabatu diren. Orain esatea haren lorpenak ez direla hain laudagarriak edo ez dituela hamalau igoerak bete bidegabea eta irrazionala da. Batez ere kontuan izanda 8.000 metroko tontor batzuen gailur nagusitzat hartzen dena aldatu egin zitekeela gerozko urteotan. Messnerrek berak esan du ez zuela errekor bat bilatzeko egin, alpinismoaren onerako baizik: «Hau da nire azken adierazpena alpinismoaren errekorrei buruz! Ez dira existitzen! Inoiz ez dira egongo alpinismo tradizionalean! Mundu honetako horma handietan bere esperientziak bizi dituen alpinista bakoitza estimatzen dut. Hori da bizitza. Alferrikakoaren konkistatzailea naiz eta izaten jarraitzen dut, baina hainbeste lortu dut nire bizitzan, gaur egun harro esan dezaket gizon zoriontsua naizela». UIAAk arbuiatu egiten du alpinismoaren historia aldatzeko ahalegin hori, eta erabateko babesa adierazi nahi die Reinhold Messnerri eta alpinismoaren beste aitzindari batzuei, "haien lorpen handiak ezin baitira inolaz ere zalantzan jarri”.
2023-10-6
https://www.berria.eus/albisteak/233659/laquooposizioaren-oposizioaraquo-izateari-uzteko-esan-dio-eh-bilduk-urkulluri.htm
Politika
«Oposizioaren oposizioa» izateari uzteko esan dio EH Bilduk Urkulluri
Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Nerea Kortajarena legebiltzarkideari erantzun dio ea «hain kezka handia» eragiten ote dien Urkullu EAJko lehendakarigai izateko aukerak. Kortajarenak «egungo egoeraren diagnostiko zorrotz bat» egiteko eskatu dio Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran.
«Oposizioaren oposizioa» izateari uzteko esan dio EH Bilduk Urkulluri. Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Nerea Kortajarena legebiltzarkideari erantzun dio ea «hain kezka handia» eragiten ote dien Urkullu EAJko lehendakarigai izateko aukerak. Kortajarenak «egungo egoeraren diagnostiko zorrotz bat» egiteko eskatu dio Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran.
EAJk eta EH Bilduk adierazpen gogorrak egin dizkiote elkarri Eusko Legebiltzarrean, Iñigo Urkullu lehendakariaren eta Nerea Kortajarena koalizioko bozeramailearen bidez. Laburra izan da bien arteko elkarrizketa: Kortajarenak lehendakariari egindako galdera baten harira sortu da, baina bien adierazpenek islatu dute alderdiak 2024ko hauteskundeetan buru-belarri sartuak direla jadanik. Etxebizitzaren auzia, Osakidetzarena, zerbitzu pulbikoen gainbehera, pribatizazio prozesua.... «herritarren bizitzak zeharkatzen» ari den «egoeraren diagnostiko zintzoa eta zorrotza» egiteko eskatu dio Kortajarenak Urkulluri, eta «erantzun zehatzak» eskatu dizkio, «ez grebei buruz hitz egitea». EH Bilduko kideak, ordea, ez du lortu eskaera hori bete dadin, Urkulluk «kaleko asaldura» sustatzea egotzi baitio koalizio abertzaleari. Gizarte kohesioan eta zerbitzu pulbikoan EAE «munduko herrialde onenen artean» dagoela erantzun du lehendakariak, eta kolizioari eskatu dio «Euskadi beltzez marrazteari uzteko». Erantsi du EH Bilduk erabiltzen dituen datuak ez direla zorrotzak, haien «komenentziaren araberakoak» baizik. Kortajarenak hartu du hitza jarraian, eta erantzun azkarra eman dio lehendakariari: «Ez da beharrezkoa EH Bilduk zuri-beltzez marraztea errealitatea. Zuk bakarrik egiten duzu hori». Gaineratu du gizarteak «gero eta argiago» ikusten dituela Jaurlaritzaren «kudeaketaren zuloak»: «Zuk asmatzen duzu zuzentzen duzunean». EH Bilduko ganberako bozeramaileak esplikatu du ezen, Hezkuntza Legearen azken gertaeren harira, EAJk «emendatu» egin duela, «azken minutuan», urte askoan landutako funtsezko lege bat, «legegintzaldiko garrantzitsuena», eta galdegin dio «bertsio bat eta bakarra» emateko hizkuntza ereduen auziaren inguruko zuzenketaz eta hark dituen ondorioei buruz. Kudeaketa ikusita, Kortajarenak esan du gizarteak ez duela merezi «oposizioari oposizioa egiten dion gobernu bat». Eta bukatu du argituz Urkulluk baduela «beste modu bat puntuak irabazteko lehendakarigai gisa»; esan dio topatzeko modu hori, «ibilbide luzeko politikaria» dela. Estrategia beraren A eta B aurpegiak Hitza hartu bezain laster erantzun die akusazio horiei EAEko lehendakariak: galdetu du EH Bilduri «hain kezka handia» eragiten ote dion Urkullu bera EAJko lehendakarigai izateko aukerak. Koalizioari esan dio oso argi ikusten dela zein den haren estrategia, «aurtengo bi hauteskunde deialdietan» islatu baita: «Batzuek zarata ateratzen dute, eta zuek, etekina». EH Bilduri egotzi dio «asaldura» dagoela «txanponaren alde batean», eta bestean koalizioa dagoela, «A aurpegia». Urkulluren arabera, errealitatearen datu objektiboak «gutxienekoak» dira EH Bildurentzat, «populismoa eta demagogia» ei delako koalizioaren bidea. Koalizio subiranistak «errealitatea desitxuratzeko beste eragile batzuen laguntza» duela erantsi du. «Kaleko mobilizazioak astintzea» da EH BIlduren estrategia, Urkulluren esanetan. «Herritarrei promesa faltsuak» egiten ari zaizkiela esan dio Kortajarena legebiltzarkideari, «etekin politikoengatik, hauteskundeak begi bistan» ei baititu EH Bilduk. Bukatu du esanez koalizioa dela estrategia beraren A aurpegia, «zuritua eta irekia», B aurpegiaren «asaldura» sustazen duen bitartean.
2023-10-6
https://www.berria.eus/albisteak/233660/narges-mohammadi-aktibista-irandarrak-irabazi-du-bakearen-nobel-saria.htm
Mundua
Narges Mohammadi aktibista irandarrak irabazi du Bakearen Nobel saria
Emakumeek Iranen pairatzen duten zapalkuntzaren kontrako ekintzailea saritu du Norvegiako Nobel Batzordeak. Sariduna kartzelatuta dago.
Narges Mohammadi aktibista irandarrak irabazi du Bakearen Nobel saria. Emakumeek Iranen pairatzen duten zapalkuntzaren kontrako ekintzailea saritu du Norvegiako Nobel Batzordeak. Sariduna kartzelatuta dago.
Iranen emakumeek pairatzen duten zapalkuntzaren kontra eta giza eskubideen alde borrokatzen dela aldarrikatuta, Narges Mohammadi (Zanjan, Iran, 1972) aktibista irandarrak irabazi du Bakearen Nobel saria. Hala jakinarazi du gaur Norvegiako Nobel Batzordeak, sariketaren antolatzaileak. Adituek azken asteetan egindako iragarpenetan eta apustu etxeen kinieletan nabarmentzen ziren hautagaietako bat zen, hain zuzen, Mohammadi. Duela 120 urte saria ematen hasi zirenetik, 110 pertsona saritu dituzte; horietatik hemeretzi dira emakumezkoak, ekintzaile irandar hori aintzat hartuta. Batzordeko kideen esanetan, Mohammadiri «kostu pertsonal izugarri bat» eragin dio bere «jarrera ausartak». Izan ere, azken hogei urteak ia bere osotasunean igaro ditu espetxean. Bost aldiz zigortu dute, eta, guztira, 31 urteren kartzela zigorrak ezarri dizkiote; azkena, hamar urtekoa —151 zigor ukaldi jasotzera ere kondenatu zuten kasu horretan—. Tortura zuria liburua kaleratu zuen, azalduz konfinamenduan zein baldintzatan zeuden presoak, eta Irango agintariek «segurtasun nazionalarekin» lotutako delituak egotzi zizkioten horregatik. Teherango Evin kartzelan dago. Gainera, haren aurkako beste hiru auzibide daude irekita. Haren senideek eta ingurukoek maiz eskatu dute aske utz dezatela, argudio gisa aipatuz arrazoi humanitarioak. Iaz bihotzekoak eman zion, eta ebakuntza bat egin behar izan zioten. Bi seme biki ditu Mohammadik, eta urteak dira ez dutela ama ikusten. Parisen bizi dira, hara erbesteratu baitzen Nobel saridunaren senarra, Taghi Rahmani ekintzailea —kartzelan hamalau urte pasatutakoa da—. Azken hiru hamarkadetan, bere aktibismo jardunean, emakumezkoen eskubideen defentsan lan egiten duten zenbait elkarte sortu ditu Mohammadik, eta idatzi izan ditu liburuak eta artikuluak ere, salatuz, batez ere, herrialdeko kartzeletan zer-nolako abusuak jasaten dituzten andrazkoek. Kazetari gisa egin duen lanagatik, hain justu, NBE Nazio Batuen Erakundeak banatzen duen Prentsa Askatasunaren Munduko Saria irabazi zuen aurreko maiatzean, bere kide Niloofar Hamedirekin eta Elaheh Mohammadirekin batera. Ikusi gehiago: Moralaren Poliziaren ustezko eraso baten ondorioz koman dagoen neska baten afera ikertzeko eskatu dute «Emakumea, bizitza, askatasuna», adierazi du batzordeko presidente Berit Reiss-Andersenek, saria nori emango dioten iragarri duenean. Hain zuzen, emakumezkoen eskubideen alde Iranen egiten dituzten manifestazioetan lelo hori bera oihukatzen dute. Protesta horiek areagotzen hasi ziren iazko irailean, Mahsa Amini 22 urteko emakume kurdua hil egin baitzen, Teherango Poliziak atxilotu eta hiru egunera. Moralaren Poliziak hartu zuen atxilo, arrazoi gisa jarrita beloa «gaizki jantzita» zeramala. Eta batzordeak azpimarratu duenez, «Teherango preso politikoek» mobilizazio horien berri eduki zutenean Mohammadi «presoak antolatzen» hasi zen. Adierazi dute, gainera, protesta haiek eten ez zitezen bultzatu zuela. Batzordeak esan du, bide batez, Mohammadi sarituta aitortza bat egiten zaiela Irango agintariek emakumezkoei pairarazten dieten jazarpenaren aurka protesta egiten dutenei. «Zalantzarik gabe, Mohammadi da mugimendu horren liderra». Demokrazia «gain behera» dago, Berit Reiss-Andersenen esanetan. Iruditzen zaio hori ondoriozta daitekeela aintzat hartuta nortzuek irabazi duten saria azkeneko urteetan. Iaz, Ales Bialiatski giza eskubideen aldeko ekintzaile bielorrusiarra izan zen, eta duela bi urte, Maria Ressa (Filipinak) eta Dmitri Muratov (Errusia) kazetariak. Deia Irani Itxaropentsu agertu da batzordearen presidentea, eta esan du Mohammadi sarituz espero duela «seinale bat» bidaltzea Irango Gobernuari. «Bere herritarrek esaten dutena entzun beharra dauka». Iaz, Poliziak atxilotu eta hiru egunera hil zen Amini, eta asteon jakin da 16 urteko neska bat, Armita Geravand, koman dagoela, Moralaren Poliziaren ustezko eraso baten ondorioz. Giza eskubideen aldeko taldeek zabaldu dutenez, joan den igandean neska talde bat ilea bistan sartu zen Teherango metroko bagoi batera; haietako bat zen Geravand, eta han eraso zioten poliziek. Ikusi gehiago: Protesten errautsak, iraultzarako ongarri 351 hautagai zituen aurten Bakearen Nobel sariak: 259 norbanako eta 92 erakunde. Irabazleari urrezko domina bat ematen diote, diploma bat eta milioi bat koroa suediar (950.000 euro inguru). Sari banaketa abenduan izan ohi da. Mohammadi kartzelatuta dagoela eta, saria jaso ahal izango duen galdetu diote Reiss-Anderseni. Erantzun du espero duela Teheranek «erabaki zuzena» hartzea eta hura aske uztea. Gaineratu du hilabete batzuk dituztela «logistika prestatzeko».
2023-10-9
https://www.berria.eus/albisteak/233661/literatura-eliteko-gauza-bezala-hartua-da-eta-ez-da-hala.htm
Kultura
«Literatura eliteko gauza bezala hartua da, eta ez da hala»
A1 mailako euskara ikasle helduentzat Oihenartea ez hunki (Elkar) fikzioa idatzi du Salaberrik, Adur Larreak ilustratua. Euskararen mailaz, literaturaren funtzioaz eta egoera soziolinguistikoaz mintzatu da.
«Literatura eliteko gauza bezala hartua da, eta ez da hala». A1 mailako euskara ikasle helduentzat Oihenartea ez hunki (Elkar) fikzioa idatzi du Salaberrik, Adur Larreak ilustratua. Euskararen mailaz, literaturaren funtzioaz eta egoera soziolinguistikoaz mintzatu da.
Elkar argitaletxeak Harian saila badu pedagogia liburuak plazaratzeko. Baditu helduen ikaskuntzarako materialak, baita irakurgai mailakatuak ere, ikasleen mailaren araberakoak. Ipar Euskal Herrirako halako idazlan baten galdea egin zuen argitaletxeak. Bea Salaberrik (Donamartiri, 1979), AEK-ko didaktika arduradun, irakasle eta idazleak bere gain hartu zuen. Oihenartea ez hunki fikzio lana idatzi du, hizkuntza ariketekin, eta Adur Larrea komikigilearen ilustrazioekin. Nondik jin da Oihenartea ez hunki liburu xedea? Eskaera joan den urtean izan zen. Elkarrek nahi zuen irakurgai berri bat plazaratu, Iparraldeko ekoizpen gisa, A1 mailako irakurgai bat [euskararen lehen maila da]. Aktualitateko gai bizia hautatu duzu istorioa eratzeko? Garai hartan, Kanboko Marieniaren okupazioa zen, eta aste guziz ateratzen ziren etxe salmenta espekulatiboen salaketak. Paraleloan, etxea alokatzeko, jendeen arazoak baziren: alokairuak karioegi, edo anitzetan, etxerik ez zela bizitzeko. Atzeman nuen ideia ona zela hori berriz hartzea. Istorioan berean ez dut fitsik asmatu, gertakariak hor ziren. Egin dudana da gertakariari beste itzuli bat eman, pedagogikoa; istorioa sinplifikatuz, biziki ulergarria izateko. Idazteko orduan, A1eko hizkuntza maila izatea kasu eginez: adibidez, iragana ez da erabilia, aditz guziak egitura biziki sinplekoak dira; denak orainean. Bada anitz elkarrizketa. AEK-ko didaktika arduradun eta idazle izateak laguntzen duke? Pentsatzen dut biak osagarriak direla. Egia da irakaskuntzatik duzun esperientziatik badakizula zein gai edo nozio zein mailatan egin. Abantaila ematen du. Gero, Elkarren ere badute pedagogia talde bat, eta erraten dute: “Hori ez da pasatzen. Adierazpide hori ez da batuan sobera onargarria…”. Halako idazlana ikaslearentzat parada ote da egun guzietako euskara batekin lotzeko? Hemen euskara batua da. Sintaxia aski neutroarekin egina da, eta ez euskalkietan entzuten direnak, geografikoki nonbaitekoak direnak. Gero, segur da, erabiltzen ditudan formetan errazkiago erabiliko ditut hemengoak. Sortuko banu nire testu bat, eleberri batean-edo, ez nioke neure buruari muga hori emanen. Baina Hegoaldean erranen lukete euskara frantsestua dela, eta Iparraldekoek domaia dela, ez baitut baxenabarreraz idazten. Ohar horiek egiten dira? Eztabaida horiek ez ditut gehiago nire egiten. Batetik, sobera mugitu naizelako nire Baxenabarreko lurraldetik harat. Nire ustez, euskarak gero bat salbatu behar baldin badu, etorkizuneko forma euskara batutik gero eta hurbilago izanen da. Batuak anitz ekarri du. Ulertzen dut jendeak nahi dituela bere herriko formak salbatu, baina ez dut beti ulertzen; nago, batzuetan, ez denetz erreakzio bat. Egoera zein den ikusirik, ez dakit indarrik aski dugun gauza guzien egiteko. Euskalkia/euskara batua baino arrangura handiagoa sortzen dit hiztunek zer euskara maila duten. Ez da ikerketarik egiten horri buruz. Euskaldun direla erraten dutenak badakigu badirela kopuru bat, inkesten arabera, baina ez dakigu kapable direnetz idazteko eta nola idazten duten. Linguistikoki agertzen dira gauza batzuk: erdararen sartze gero eta handiagoa, hutsen normalizazioa, hiztegiaren pobretzea. Beldur naiz denborarekin txarrerat egin dezan. Hala bilaka ez dadin, zein lirateke erronkak? Badu hamabost urte hizkuntza politika bat martxan eman dela, ildo beretarik joan dena. Entseatu gara egiten ahal genuen guzia emanak ziren baldintzekin. Segur da ez dela aski. Gaur, beharko genuke hizkuntza politika publikoaren ikuspegi eta proiektu berritua, helburu zehatzagoekin, diru baliabide gehiagorekin, baliabide humano gehiagorekin. Behar genuke perspektiba bat luzera begira. Sentimendua dut bizirauten dugula eta beti garela iraupenaren sokatira horretan. Euskararen egiazko hizkuntza politikak behar du zerbait gehiago. Euskal literaturak zer funtzio izan dezake testuinguru soziolinguistiko horretan? De facto, literaturak baditu funtzio anitz: funtzio estetiko bat —hizkuntzaren forma batzuk, irudi batzuk bilduko ditu, beste hizkuntzek ez dituztenak—; berezko leku bat, gertakari batzuk deskribatzean bada zerbait lekukotasunaren mailakoa. Baditu transmisio funtzio guziak: sozialak, historikoak… Funtzio ideologikoa badu: idazle batek nahi duena erraten ahal du; ez du zernahi erraten ahal, baina bai nahi duena. Hori inportantea da. Besteek gure historia izkiriatuko dute nahi duten hizkuntzan eta nahi dutena erranen, baina guk ez dugu ahantzi behar gure aldetik kontatzea, gure hizkuntzan. Funtzio hori zertan da Ipar Euskal Herrian? Gauzak sortzen dira. Bada denetarik: antzerkiak idazten dituztenak, eleberriak, ipuinak, artikuluak idazten dituztenak. Sortzen da. Kantitatean guti, ene iduriko. Pentsatzen dut irakurleria badela. Gehiago beharko litzateke? Segur. Gero, literaturako plazak falta dira. Gero eta gehiago badira: mediateketako langileek idazleak jinarazten dituzte, dendetan ere bai; badira azokak —Ziburukoa bezala— eta ontsa da liburu sortzaileak, argitaletxeak joatea jendearengana. Baina idaztea ez da lan erosoa. Erran nahi baitu? Idatzi behar duzularik, behar duzu denbora atzeman, leku bat; erran nahi du beste gauza batzuk sakrifikatu behar dituzula ondoan, edo biziki luze joko duela. Hori guzia zure intimitatean egiten duzu, eta ez duzu dirurik horretarako. Gero, joan behar da argitaletxe baten xerka. Argitaletxe batek baietz erraten badu, edizio lanetan sartu behar duzu. Eta bada sustapen lana. Batzuetan, beste gauza guzien artean, literaturak ez du ikusgarritasunik. Azkenik, kritika, hemen, ez dugu; publikatzen ahal duzu liburu bat eta pasatzen ahal da nehork ikusi gabe. Iduritzen zait literatura kontsideratzen dela eliteko gauza bat balitz bezala, eta ez da hala.
2023-10-6
https://www.berria.eus/albisteak/233662/pandemiarik-gabe-eta-bidean-segitzeko-gogoz.htm
Kultura
Pandemiarik gabe eta bidean segitzeko gogoz
Nafarroako Bertsolari Txapelketa bihar abiatuko da, Iruritan. Lau final-laurden eta hiru finalaurreko eginen dituzte, abenduaren 2ko finalean ariko diren zortzi bertsolarien zerrenda osatzeko. 2021ean, Saioa Alkaizak jantzi zuen txapela. Osasun krisiak orduan eragindako ziurgabetasuna bazter utzi dute antolatzaileek.
Pandemiarik gabe eta bidean segitzeko gogoz. Nafarroako Bertsolari Txapelketa bihar abiatuko da, Iruritan. Lau final-laurden eta hiru finalaurreko eginen dituzte, abenduaren 2ko finalean ariko diren zortzi bertsolarien zerrenda osatzeko. 2021ean, Saioa Alkaizak jantzi zuen txapela. Osasun krisiak orduan eragindako ziurgabetasuna bazter utzi dute antolatzaileek.
Duela bi urte, txapelketa hasi genuenean, ez genekien amaitzerik izanen ote genuen ere”. Nafarroako Bertsozale Elkarteko kide Ander Perezek Nafarroako Bertsolari Txapelketaren 2021eko azken aldia antolatu zuteneko “ziurgabetasuna” oroitu du. Pandemiak baldintzatu zuen duela bi urteko txapelketa hori, neurri handi batean, eta, horregatik, “lasaitasuna” nabarmendu du bihar hasiko dena antolatzeko bideari buruz. Pandemia batek ezarritako mugarik gabe, abiatzeko gogoz dira. Dena prest da, hain zuzen, aurtengo Nafarroako Bertsolari Txapelketan parte hartuko duten 24 bertsolariak kantuan has daitezen. Biharkoa izanen da antolatu dituzten lau final-laurdenetako lehendabizikoa, eta Iruritako gizarte gunean eginen dute, 17:30ean hasita. Urriaren 14an, berriz, Vianako kultur etxeak hartuko du Nafarroako Bertsolari Txapelketako final-laurdenetako bigarren saioa, 17:30ean. “Txapelketaren historian lehendabiziko aldiz ariko gara herri horretan”, nabarmendu du Perezek. Nafarroako Bertsozale Elkartea ahalegina egiten ari da, hain zuzen ere, bertsolaritza bere ohiko eremuetatik kanpo eramateko, eta herrialdeko gero eta txoko gehiagotara zabaltzeko. Antolatzaileak ahalegin bat egiten ari dira; eta bertsolaritza ere, kultur jarduera gisa, ari da bere tokia hartzen. “Pandemiak agerian utzi du kulturak duen garrantzia, eta bertsolaritza ari da bere aletxoa jartzen”, erran du Ander Perezek. Osasun krisiak plazak isildu egin zituen, baina oholtzak bete egin dira, berriz ere. “Bertso plaza berreskuratu dugu”. Plazak eta txapelketak eskutik egin behar dute aurrera, haren ustez: “Txapelketa da plazan egiten denaren isla; txapelketak ez du zentzurik urte osoan ez bada saiorik edo jaialdirik egiten”. Hiru final jarraian 2021eko azaroaren 28an egin zuten Nafarroako Bertsolari Txapelketako azken finala, Iruñean, eta iaz, Bertsolari Txapelketa Nagusikoa hartu zuen hiriburuak, abenduaren 18an. Aurtengo abenduaren 2an, bertze final bat izanen da Iruñean: bihar hasiko den Nafarroako Bertsolari Txapelketarena, alegia. “Iruditzen zitzaidan gehiegi izan zitekeela jarraian hainbeste txapelketa, baina jendea gogoz dago. Aurkezpena egin genuenetik [irailaren 16an egin zuten, Atarrabiako kultur etxean], jende asko ari zaigu galdezka. Sumatzen dugu gogoz direla”. Perez ere txapelketako zurrunbiloan sartzeko gogoz da. Iruritako eta Vianako saioak izanen dira final-laurdenetako lehendabizikoak; Uharten eta Leitzan eginen dituzte azken biak. Hurrengo fasean, hiru finalaurreko eginen dituzte: Altsasun, Agoitzen eta Lesakan; abenduaren 2an, berriz, finala eginen dute: Iruñeko Anaitasuna kiroldegian, 17:00etan hasita. Ikusteko dago aurtengo txapelketak zer emanen duen; 2021ekoan egindako bideari so egin dio Perezek, eta nabarmendu du duela bi urteko finalak zenbait auziri buruzko “argazki moduko bat” eman zuela: batetik, Saioa Alkaizak txapela jantzi izana azpimarratu du —2021ekoa izan zen Alkaizaren lehen finala—; bertzetik, gazteek bertsolaritzaren oholtzetan toki gero eta nabarmenagoa dutela. Alkaizak jantzi zuen azken txapela, baina Nafarroako Bertsolari Txapelketan nabarmena da, oraindik ere, genero arrakala. Aurtengo txapelketan 24 bertsolari ariko dira kantuan, baina haietako bost bertzerik ez dira emakumeak: Saioa Alkaiza, Idoia Granizo, Sarai Robles, Ekhiñe Zapiain eta Bittori Elizalde. “Etsigarria eta kezkagarria da”, erran du Perezek, egoera horri buruz. Txapelketan nahi duenak eman dezake izena, eta, ondorioz, Nafarroako Bertsozale Elkarteko arduradunen esku hartzea “mugatua” dela azaldu du elkarteko kideak. “Horrek ez du esan nahi gure ardura bazter utzi nahi dugunik. Kezkatzen gaitu egoerak”, erantsi du. Kezka horren ondorioz, Perezek aipatu du Nafarroako Bertsozale Elkarteak feminismoa txertatu duela bere jarduera orotan eta, lan horri esker, urratsak egin direla elkarteko egituran eta bertso eskoletan, bertzeak bertze. Txapelketa, baina, eragin horretatik at gelditzen da, neurri handi batean. “Txapelketan bereziki nabarmena da genero arrakala; zerikusirik izanen du lehiaketarekin, jendaurrean agertze horrekin”. Oraindik nabarmena den arrakala hori gainditzeko lanean segituko du Nafarroako Bertsozale Elkarteak, Perezek azpimarratu duenez. Bihar hasi eta abenduaren 2ra bitarte, Nafarroako Bertsolari Txapelketak hartuko ditu herrialdeko oholtzak. Bertsolariak kantuan hasteko prest dira; zaleak, gozatzeko gogoz.
2023-10-7
https://www.berria.eus/albisteak/233663/ikastolen-eta-ofizialtasunaren-festa-izan-dadin-nahi-dugu.htm
Gizartea
«Ikastolen eta ofizialtasunaren festa izan dadin nahi dugu»
Nafarroa Oinez ospatuko dute bihar Etxarri Aranatzen, hango Andra Mari ikastolak antolatuta. Iñigo Orella zuzendariak esan du «zirikatzaileak» izan nahi dutela, euskara erabiltzea sustatzeko.
«Ikastolen eta ofizialtasunaren festa izan dadin nahi dugu». Nafarroa Oinez ospatuko dute bihar Etxarri Aranatzen, hango Andra Mari ikastolak antolatuta. Iñigo Orella zuzendariak esan du «zirikatzaileak» izan nahi dutela, euskara erabiltzea sustatzeko.
Euskararen bozgorailua izanen da Etxarri Aranatz igandean. Hotsein lelopean, Nafarroa Oinez ospatuko dute herrian, Andra Mari ikastolak antolatuta. Iñigo Orella ikastolako zuzendariak (Berriozar, 1973) azaldu duenez, tokian tokiko euskalkiak sustatzea eta euskara Nafarroa osora zabaltzea daukate helburutzat. Dena prest? Gogo handiz eta ilusioz gaude, baina orain lan pila bat dugu, eta elur bola handi bat dator. Hala ere, oso pozik gaude kanpotik jasotzen ari garen harrerarengatik eta babesarengatik, eta ikastolako komunitateko jendearen inplikazioarengatik. Auzolanean egindako besta bat da. Nola joan da prozesua? Urte osoan, berrehun pertsona inguru izan ditugu hamalau batzordetan lanean. Igandean gehiago izanen dira; laurehun baino gehiago. Prozesu luzea da, eta gorabeherak egoten dira, baina jendea oso zintzoa da, eta asko inplikatu da. Nafarroa Oinez festaren eguna kenduta, egun gogorrenak sanferminak izaten dira. Izugarria izan zen egin genuen lana. Nolakoa izan da prestaketa? Hasierako lana ezkutuko lana da, barrura begira ibiltzen garelako. Iaz, Tafallako Nafarroa Oinez-en lekukoa pasatu zigutenean atera ginen argitara, nolabait. Ordutik, denetarik egin dugu: kirol jarduerak, hizkuntzari eta hezkuntzari buruzko jardunaldiak… Inklusibotasunari ere garrantzia eman nahi izan diogu. Batzorde berri bat sortu duzue horretarako. Esan ohi dugu ikastola plurala garela eta ikasle guztiek daukatela lekua. Horregatik, Nafarroa Oinez-en ere islatu behar da inklusibotasunaren aldeko apustua. Altsasuko Nafarroa Oinez egin zenean, jardueretako batzordearen azpibatzordean lantzen zen inklusioa, eta aurten, lehenengo aldiz, izaera propioa dauka. Egin ditugun gauza guztietan, aniztasunaren ikuspegitik euren ekarpenak egin dituzte. Nafarroa Oinez antolatzen duzuen laugarren aldia da; urtez urte ikasten da? Denbora joan da lehena egin zenetik, eta Nafarroa Oinez izugarri aldatu da lan egiteko moduan eta helburuetan. Azkeneko aldiz 2009an antolatu genuen, eta, pertsona horietako batzuk ikastolan dauden arren, gehienak berriak dira. Bietan egon naiz, eta aldatu da dezente, bizirik dagoen eta etengabe eguneratzen den besta bat baita. Nolako besta izanen da? Herria inguratzen duten hiru gune egonen dira. Ibilbidea motza izanagatik, saiatu gara jarduera ugari antolatzen. Uste dut oso polita eta osatua gelditu dela egitaraua. Mimoz prestatu dugu. DBHko eraikina berritzeko behar duzue dirua; zer behar dauzka eraikinak? Eraikinak eraldaketa sakona behar du. 1960ko hamarkadako eraikin bat denez, isolamendu aldetik oso gaizki dago, teilatua ere bai, eta mugikortasuna ezin da ongi bermatu; ez dugu igogailurik, eta, sarreran eskailerak daudenez, malda bat jarri genuen iaz. Berogailu sistema ere aldatu nahi dugu, eta ekologikoagoa eta jasangarriagoa den sistema bat jarri. Helburu ekonomikoez gain, zer beste helburu dituzue? Hotsein Sakanako hitz bat da, eta aldarrikatu, deitu edo zarata egin esan nahi du. Egunero erabiltzen dugun hitz bat da. Horren bidez, adierazi nahi genuen euskararen arnasguneetan gaudela. Arnasguneetan gauden eragile askoren kezka da ezagutza handia badela baina erabilera moteldu dela. Horregatik, zirikatzaileak izan nahi dugu. Horrez gain, ikastolen hezkuntza eredua aldarrikatu nahi dugu. Bokazio publikoa dugu, auzolanean eta herrigintzan oinarritzen gara, eta euskararen eta gure hezkuntza proiektuaren transmisioan lanean ari gara. Ofizialtasunari ere garrantzia eman nahi izan diozue. Zoritxarrez, Nafarroan zonifikazioa dugu, eta nafar guztiok ez ditugu hizkuntza eskubide berberak. Horregatik, aldarrikatzen dugu Nafarroa osoan egon behar dela euskaraz bizitzeko eta ikasteko aukera. Nafarroan, D eredua ez da %30era heltzen, eta hamar ikasletik lauk ez daukate kontakturik euskararekin. Eredu publikoan lan handia egiten ari dira egoera horri buelta emateko, eta uste dugu publikoarekin elkarlanean norabide berberetik joan behar dugula. Euskaltzale guztiak batu nahi ditugu, ikastolon festa izateaz gain ofizialtasunaren festa izatea ere nahi baitugu. Hamabi ikaslerekin hasi zen Etxarri Aranazko ikastola. Nolakoa izan zen sorrera? Frankismo garaian sortu zen, eta guraso eta herritar talde batek sortu zuen, uste zutelako beharrezkoa zela beste hezkuntza eredu bat; euskara eta euskal kultura erdigunean jartzen zituen eredu bat. Baliabiderik gabe hasi ziren, eta baldintza gogorretan, baina, oztopo guztien gainetik, aurrera egin zuten. Gaur egun, laurehun ikasle inguru ditugu. Zer eskaintzen dio ikastolak Sakanari? Egia da Sakanan D eredua nahiko zabalduta dagoela, baina beste ekarpen batzuk ere egiten dizkiegu hezkuntzari eta hizkuntzari. Ikuspegi nazionala dugu, eta gure proiektu pedagogikoa denon eskura jartzen dugu.
2023-10-6
https://www.berria.eus/albisteak/233664/alderdi-guztiek-arbuiatu-dituzte-buesaren-omenezko-monolitoari-eta-hilobiari-egindako-erasoak.htm
Politika
Alderdi guztiek arbuiatu dituzte Buesaren omenezko monolitoari eta hilobiari egindako erasoak
Herenegun monolitoari eraso zioten, eta bart gauean gorozkiekin eta pintura beltzarekin estali dute Buesaren hilobia. EH Bilduk ez du Gasteizko Udaleko adierazpen instituzionala babestu, 'gaitzespen' hitza agertzen zelako. EH Bilduk galdetu dio Urkulluri biktima guztiekin «partziala» ote den; Urkulluk zalantzan jarri du EH Bilduk garbi ote duen indarkeria oro «injustua» izan zela.
Alderdi guztiek arbuiatu dituzte Buesaren omenezko monolitoari eta hilobiari egindako erasoak. Herenegun monolitoari eraso zioten, eta bart gauean gorozkiekin eta pintura beltzarekin estali dute Buesaren hilobia. EH Bilduk ez du Gasteizko Udaleko adierazpen instituzionala babestu, 'gaitzespen' hitza agertzen zelako. EH Bilduk galdetu dio Urkulluri biktima guztiekin «partziala» ote den; Urkulluk zalantzan jarri du EH Bilduk garbi ote duen indarkeria oro «injustua» izan zela.
Bi egunen buruan birritan eraso diote PSE-EEko agintari Fernando Buesaren memoriari —ETAk hil zuen, 2000. urtean—. Herenegun, haren omenezko monolitoari pintura beltzarekin eraso zioten Gasteizen, eta bart gauean gorozkiekin eta margoarekin estali dute haren hilobia. Erasook salatu dituzte alderdi politiko guztiek, hala sare sozialen bidez nola hitzez. Gasteizko Udalak adierazpen instituzional bat kaleratu du gertatutakoa gaitzesteko. Haatik, erdarazko gaitzespen hitzean katramilatu da eztabaida, eta EH Bilduk ez du testua babestu. Gasteizko Udaleko gainerako alderdien babesa izan duen testuan esaten dute erasoak «onartezinak» direla, eta «biktimen sentsibilitatea eta memoria gutxiesten» dituztela. Era berean, elkartasuna agertu diete Fernando Buesaren eta Jorge Diez ertzainaren sendiei. EH Bilduko iturriek BERRIAri azaldu diotenez, testuaren edukiarekin erabat ados zeuden, baina ez gaitzespen hitza jasotzearekin. Hitz hori ez agertzeko eskatu die EH Bilduk gainerako taldeei, baina aurka agertu dira EAJ, PSE-EE eta PP. Gauzak horrela, EH Bilduk ez du adierazpena babestu, eta ez da onartu. Atzo, Rocio Vitero EH Bildu taldeko bozeramaileak erasoen aurkako «arbuio irmoa» agertu zuen, eta jokaera horiek «lekuz kanpo» daudela gaineratu. EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik, berriz, erasoen aurkako «erabateko arbuioa» agertu du sare sozialetan idatzitako oharrean. Otegik salatu du «onartezinak» direla erasoak: «Gertakari horien izaera eta jatorria ezezaguna da, eta benetako probokazioa dira gure herriko bizikidetza demokratikorako», idatzi du. Otegik gogoratu du EH Bildu engaiatu egin zela biktimak umiliatuko zituen edozein jarrera arintzeko, eta konpromiso hori berretsi du gaur. «Erabat arbuiatzen ditugu gertakari horiek guztiak, pentsarazten baitigute gure herrian bizikidetza horrela bortxatzen dutenek zer bilatzen duten eraso horiekin». Gaineratu du biktima guztien memoria errespetatzea «oinarrizko baldintza» dela bizikidetza eraikitzeko. Etxerat elkarteak ere «erabat gaitzetsi» ditu Fernando Buesaren eta Jorge Diezen memoriaren aurkako erasoak. «Gure konpromisoa biktima guztien errekonozimenduaren eta bizikidetza demokratikoaren alde da», adierazi du. Erasoak gaitzetsi ditu Iñigo Urkullu lehendakariak ere. «Gaitzespen irmoa» agertu du Urkullluk, eta ohartarazi halakoek «berriro biktimizatzen» dituela hildakoa, haren sendia eta euskal gizartea. Erasoak «biolentzia politikoa» aldarrikatzen duten «taldexka» batzuei egotzi dizkie, eta dei egin die talde horien gainean eragina dutenei bide hori alboratzeko eskatzeko. Idoia Mendia lehendakariordeak esan du erasoek erakusten dutela oraindik bide luzea egin behar dela memoria eta hezkuntza esparruetan. Halaber, «urtetan terrorismoa legitimatu zutenei» galdegin die ez daitezela isilik geratu.p> EAEko Arartekoak ere «zeharo gaitzetsi» ditu erasoak. «Intolerantziaren eta gizagabetasunaren adierazle larri horiek bizikidetza demokratikoaren kontrako erasoak dira, eta, bereziki, terrorismoaren biktima guztien kontrakoak», adierazi du ohar batean Manuel Lezertua arartekoak. Elkartasuna adierazi nahi die Buesaren eta Diezen familiei. Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan, talde denek izan dituzte ahotan azken bi egunetako erasoak. Besteak beste, Carlos Iturgaiz EAEko PPko presidenteak salatu du erasoak «lotsagarriak» eta «nazkagarriak» direla. Miren Gorrotxategi EP-IUren bozeramaileak gogor gaitzetsi ditu erasoak, eta talde guztiei eskatu die gauza bera egiteko: «Astakeria hori gaitzestea eta horrelako egun gogorretan biktimen familiak babestea da Euskadik behar duen gutxienekoa». Sanchez Corbiren domina EH Bilduko legebiltzarkide Julen Arzuagak arbuiatu egin du Buesaren hilobiaren aurkako erasoa, eta Manuel Sanchez Corbi torturak egiteagatik zigortutako guardia zibilak jaso berri duen dominari buruzko galdera egin dio Urkullu lehendakariari Eusko Legebiltzarrean. «Biktima batzuen» alde egin ohi dituen adierazpen «ugariak» gogoratu dizkio Arzuagak Urkulluri, eta, Kepa Urra Bilboko Salveko kuartelean torturatutako biktimaren erreparazioa aintzat hartuz, domina horrekin bat al datorren galdetu dio lehendakariari. Labur erantzun du Urkulluk: «Ez, ez da biktimek merezi dutena». «Monosilaboa» eskertzen diola esan dio Arzuagak, eta zalantzan jarri du ea Urkulluk «torturatzaile bati emandako dominaren gaiari» erreparatuko ote zion gaia legebiltzarrera ekarri izan ez balu. Bilduko parlamentariak esan du ez dagoela «berdintasunik» biktima batzuen eta besteen erreparazioari dagokionez: «Zure adierazpenak eta isiltasunak entzuten ditut. Partziala zara?», galdetu dio Arzuagak Urkulluri. «Galdetzen edo ziurtatzen ari zara?», erantzun dio lehendakariak. Egia, justizia eta erreparazioa biktima guztientzako nahi dituela azpimarratu du. Haien «aitortza» eta haiekiko «hurbiltasuna» beharrezkoak direla esplikatu du, eta galdera zehatza bota dio Arzuagari: «Zuek errespetatzen al dituzue irizpide horiek guztiak?». Berriro esan du ez datorrela bat guardia zibil torturatzailearen dominarekin, eta garbi utzi du aitortu egin behar dela «torturaren injustizia, baina baita ETAren hilketen injustizia ere». «Guk garbi dugu, eta zuek?». Manuel Sanchez Corbi torturak egiteagatik zigortu zuen Espainiako justiziak, 1992an. Kepa Urra atxilotuari egindako torturen auzian kondenatu zuten, baina Corbi ez zuten kargutik kendu edo zigortu; aitzitik, bere ibilbidean mailaz igotzen jarraitu du urte hauetan, eta UCOren buruzagi ere izan da. Bada, aurreko astean Zilarrezko Domina jaso du, Espainiako Auzitegi Nazionalak ezarria.
2023-10-8
https://www.berria.eus/albisteak/233665/bizitza-irisgarriagoen-beharra.htm
Gizartea
Bizitza irisgarriagoen beharra
Basauriko Udalak neurriak hartu ditu herriko jaietan, autismoa duten haurrek barrakez gozatu dezaten: soinu karrankariak kendu ditu zenbait orduz. Ez da Bizkaian autismoa dutenei bizitza errazteko izan den ekimen bakarra. Apnabik ErrazTEA proiektua sortu du helburu horrekin.
Bizitza irisgarriagoen beharra. Basauriko Udalak neurriak hartu ditu herriko jaietan, autismoa duten haurrek barrakez gozatu dezaten: soinu karrankariak kendu ditu zenbait orduz. Ez da Bizkaian autismoa dutenei bizitza errazteko izan den ekimen bakarra. Apnabik ErrazTEA proiektua sortu du helburu horrekin.
Musika altua, argi jokoak eta soinu karrankariak, abiadurarekin, birekin eta jauziekin uztartzen dira herriko jaietan hain ohikoak diren barraketan. Umeek haietaz gozatzen dute, eta irri eta algarak igar daitezke jai giroan. Haurrengan efektu zirikatzailea duten kanpo estimulu horiek, baina, ez dute irribarre bat margotzen aurpegi guztietan. Izan ere, autismoa duten pertsona askok ez dute ondo ulertzen zer gertatzen ari den haien inguruan, eta, gozatu beharrean, sufritu egiten dute. Errealitate hori kontuan izanik, zenbait udalerrik neurriak hartu dituzte jai inguruetan herritar guztiek haietaz goza dezaten. Hori egin dute, adibidez, Basaurin. Gaur zortzi, irailaren 29an, San Migel auzoko jaietako egun herrikoia ospatu zen, eta zenbait orduz autismodunentzako kaltegarriak izan daitezkeen soinuak kendu zituzten. Neurria “jai inklusiboagoak izateko” bidea dela esan du Berta Montesek, Basauriko Jaietako zinegotziak. Neurria ez dute behin bakarrik ezarriko; bihar hasiko dira San Fausto jaiak, eta beste bi egunez ezarriko dituzte: hilaren 11n eta 16an. Basaurikoa ez da adibide bakana, azken urtean inklusio kognitiboaren alde beste proiektu batzuk eraman baitira aurrera Bizkaian. Ekainean, autismoa dutenentzako gune eta zerbitzu eskuragarriagoak eta lagunkoiagoak lortzeko proiektua jarri zuen martxan Apnabi elkarteak: ErrazTEA. Egitasmoaren xedea erakunde publikoei zein pribatuei haien komunikazio espazioak eta euskarriak adimen urritasuna edota autismoa dunentzako ulerterrazak eta lagunkoiak diren baloratu eta horretarako moldatzea da. Autismoa dutenentzako testuinguru irisgarri bat sortzea oso garrantzitsua dela uste du Apnabik. Datuek diotenez, munduan ehun umetatik bat espektro autistaren barruan dago. Espektro hitzak berebiziko garrantzia du, nahasmendua ezin baita ulertu beste hainbat gaixotasun bezala, autista bakoitzak era ezberdin batean azaleratzen duelako. Maider Ugarte ErrazTEA proiektuko teknikariak azaldu duenez, autismoa garapen urritasuna da: “Normalean, zentzumenetan eragiten die; horregatik, oso ohikoa da soinuek eta argiek kalte egitea”. “Autismoa dutenek zailtasunak dituzte haien inguruarekin eta pertsonekin erlazionatzeko”, gaineratu du Alvaro Fernandezek, ErrazTEA proiektuko lantaldeko kideak. Oztopo ugari Taldeak egiten dituen proposamenak balioztatzen ditu Fernandezek; izan ere, autismoa du hark. Lantaldean autismoa dutenak dituen Euskal Herriko lehen egitasmoa da ErrazTEA. Gizartea “geroz eta inklusiboagoa” dela dioen arren Fernandezek, Apnabik abiarazitako proiektuetan parte hartzen hasi zen arte ez du gogoan noizbait galdetu ziotenik ea zer behar den mundua euren beharretara moldatzeko. Haren ustez, Basaurin egin duten ekintza “oso onuragarria” da gizartearentzat, oro har, eta, bereziki, autismoa duten haurrentzat: “Egia da barraketan klaxona eta antzeko soinuak egoten direla eta autismoa dugunok asko gogaitzen gaituztela. Autismoa dugunok aske bizitzeko eta gizartearen parte izateko, garrantzitsua da egunerokoan dauden oztopoak desagerraraztea”. Ez dira soinuak soilik. Fernandezek dio bera “ohitu dela” soinu “gogaikarriekin batera” lan egitera, baina bere kide askok “pairatu” egiten dituztela. Hari argiek eragiten diote gehien. Horregatik, azpimarratu du kontzertuetan eta diskoteketan ezin dela egon. Su festek ere eragin kaltegarria dute haiengan, eta, horregatik, ongi baloratzen dituzte bestelako aukerak eskaintzen dituzten udalak. Portugaleten, adibidez, aurtengo apirilean hiriak 700 urte bete zituela ospatzeko, droneekin eskaini zuten ikuskizuna. Informazio eskubidea Ugartek ohartarazi du argi eta soinuekin dituzten arazoak ezagunenak badira ere, ez direla bakarrak, ezta garrantzitsuenak ere: “Haien ingurunea eta haren inguruko informazioa ulertzeko moduan helaraztea ezinbestekoa da haien eskubideak errespeta daitezen”. Horregatik, “inguruan dagoen guztia ulerterraza” izateko urratsak egin behar direla uste du. Are gehiago, Ugarteren iritziz, informaziorako eskubide unibertsala ez bada guztiz ziurtatzen, irisgarritasun kognitiboaren beharra dutenen eskubideei “kalte egiten diete gehien”. Apnabiko kide eta ErrazTEAko teknikari Ugartek azpimarratu duenez, ezintasuna are agerikoagoa egiten da inguruarekin erlazionatzen direnean; beraz, informazioa plazaratzeko erak erraztu edo zaildu egin dezake pertsonen autonomia: “Guneak kognitiboki irisgarriak egiten baditugu, haien inguruko informazioa era ulerterrazean plazaratuz, autismoa dutenen autonomia eta independentzia handitzen dugu, ez dutelako behar beste pertsonaren baten laguntzarik”. Idatzizko informazioa ondo jasotzen dela ziurtatzeko, ezaugarri batzuk izan behar dituela gaineratu du Fernandezek: “Hitzak, adibidez, ezin dira lerro bukaeran moztu, gidoia jarri eta hurrengoan hasi, galdu egiten garelako”. Irakurtzeko zailtasun horiek egunerokoan nabaritzen ditu Fernandezek “liburu bat edo prentsa” irakurtzen dituenean, esaterako. Baina horiek ez dira egoera bakarrak. Autista horrek salatu du garraio publikoa erabili behar dutenean ere informazioa ez daukatela kognitiboki eskuragarri. Metro ulerterraza Garraio publikoan, metroak garrantzi handia du. Bilboko aurtengo Aste Nagusian, adibidez, 2.309.761 bidaiarik erabili zuten zerbitzua. Baina guztiek ezin izan zuten autonomia osoz erabili. Izan ere, ErrazTEAko kideak konturatu dira irisgarritasun fisikoan aurrerapausoak eman badira ere, irisgarritasun kognitiboa ez dagoela ziurtatuta; batez ere, planoetan. Hori dela eta, Bilboko Metroko arduradunekin harremanetan jarri ziren, eta, gaur egun, elkarlanean dabiltza zerbitzu irisgarria eskaini ahal izateko. Fernandezen ustez, ulertzeko zailtasun “asko” saihesteko, metroko planoak “argiago” adierazi beharko luke lineek nondik nora egiten dituzten bidaiak. Plentziatik, kasu baterako, soilik Etxebarriraino heltzen da metroa; beraz, Basauriko geltokira edo hango auzo Arizkora heldu nahi izanez gero, trena aldatu behar da. Aldaketa hori non egin daitekeen “argi” adieraztea eskatu du Alvaro Fernandezek. Halako eskariei piktogramak —irudiak— gehitu dizkiete, lehen begi kolpean informazioa helarazteko; kalera irteteko igogailurik dagoen edo ez, besteak beste. Dagoeneko Metroko arduraduei egin diete proposamena. Ugartek dio elkarlanean dabiltzala orain, proposamena findu eta aurrera eraman ahal izateko. Izan ere, planoan informazio hori adieraziko balitz, autismoa dutenek euren bidaia aurretiaz planifikatzeko aukera izango lukete. Planoa ez da Bilboko Metroarekin batera egin duten lan bakarra. Ugartek dio azpiegiturak irisgarriak izatea garrantzitsua den arren, ezin direla alde batera utzi bertako langileak: “Autismoa dutenek asko erabiltzen dute garraio publikoa; beraz, funtsezkoa iruditzen zaigu bertako langileak sentsibilizatuta egotea”. Horretarako, metroan lan egiten duten segurtasuneko beharginentzako sentsibilizazio tailerrak antolatu zituzten, eta autismodunak ulertzeko eta haiengana zuzentzeko tresnak irakatsi dizkiete. Fernandez egon da formakuntza horiek ematen. Metroa ez da ErrazTEArekin batera lan egin duen Bilboko enpresa bakarra. Itsasmuseumek ere parte hartu du ekintzetan. Museoak irisgarri bihurtzea gizartera gerturatzeko beste pauso bat dela uste du Ugartek. Balearen begia erakusketan zegoen informazioa moldatu egin zuten horretarako. Fernandezek esan du “askotan”zail egiten zaiela museoetan azaltzen dietena ulertzea, eta, hortaz, azalpen “labur eta argiak” soilik ematea gomendatzen du: “Autorearen izena, koadroaren data eta azalpen labur bat nahitaezko informazioarekin, hori soilik agertu beharko litzateke, betiere irakurketa irisgarriaren ezaugarriak errespetatuz eta esaldi motzak erabiliz”. Konponbideen bila “Espazioak denon gozamenerako eta erabilerarako moldatzean dago konponbidea, ez espazio banatuak sortzean. Bestela, ez da lortzen benetako integrazioa eta irisgarritasuna “, azaldu du Ugartek. “Benetako gizarte inklusioa, gune eta ekintza berdinetan parte hartzean dago”. Aurrerapausoak eman dira, baina “gauza asko egiteke” daudela ohartarazi du teknikariak: “Mundu irisgarri batean bizi garela uste dugu, baina benetan irisgarritasuna behar dutenekin harremanetan jartzen zarenean konturatzen zara ez dela horrela”. Fernandezen iritziz, oso garrantzitsua da jendeak autismoa dutenen jokabideak ulertzea eta haiekin nola jokatu behar den jakitea: “Ez ditugu zentzu biko duten bromak gustuko, ez ditugulako ulertzen eta benetan dabiltzala uste dugulako”.
2023-10-9
https://www.berria.eus/albisteak/233666/euskara-fokuen-argitik-at.htm
Gizartea
Euskara, fokuen argitik at
Gipuzkoako zinema eta antzerki aretoetan apala da euskararen presentzia. Gaia landu duten eragileek salatu dute laguntza instituzionala falta dela arlootan euskara bultzatzeko. Zineman eta antzerkian aritzen diren aktoreek, berriz, euskaraz lan egiteko oztopoak nabarmendu dituzte.
Euskara, fokuen argitik at. Gipuzkoako zinema eta antzerki aretoetan apala da euskararen presentzia. Gaia landu duten eragileek salatu dute laguntza instituzionala falta dela arlootan euskara bultzatzeko. Zineman eta antzerkian aritzen diren aktoreek, berriz, euskaraz lan egiteko oztopoak nabarmendu dituzte.
Bukatu da Gipuzkoa zinemaz blaitzen duen jaialdia, Donostiako 71. Zinemaldia, baina antzoki eta zinema aretoen ateek zabalik diraute, udazkenarekin batera herritarrak berriro eserlekuak betetzen hasten diren neurrian. Hala ere, ez dira asko Gipuzkoako antzezleku eta zinema aretoetan euskaraz ikusi ahal izango diren lanak, herrialdeko biztanleen %57,5ek hizkuntza horretan hitz egiten duten arren. Sektoreko langileak kexu dira, irizten baitiote instituzioen babesa falta dela euskarazko ekoizpenak sustatzeko, eta euskaraz lan egitea “zaila” dela diote. Pantailak Euskaraz taldeak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak egindako ikerketa baten arabera, euskarak %1,99ko presentzia izan zuen iaz zinema komertzialetan. “Fikziozko film bakar bat ere ez zen estreinatu 2022an euskaraz. Hiruzpalau dokumental eta animaziozko film bat baino ez”, dio Alex Aginagalde Pantailak Euskaraz-eko kideak. “Euskarazko ekoizpena horren txikia izatearen arrazoia da, batetik, gure herria ez dela handia, baina, bestetik, ez dagoela berariaz euskarazko ekoizpenak sustatzeko laguntzarik”, gehitu du Aginagaldek. Ekoizpen horietarako laguntzak bateratuak dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako, eta Eusko Jaurlaritzak ematen ditu: 2,5 milioi euro jartzen ditu horretarako. Baina diru laguntza horiek edozein hizkuntzatan egiten diren ekoizpenetarako eska daitezke, eta horrek ekarri du, esaterako, iaz ekoizpenerako jarritako diru laguntzen %70 gaztelerazko proiektuei eman izana. “Euskarak, gehienez, %10 puntuatzen du, baina hori ez da nahikoa erakundeek euskarazko ekoizpena benetan sustatzeko. Beharrezkoa da euskarazko ekoizpenerako diru laguntza propioak izatea”, esan du Aginagaldek. Berdintasun eske Aitziber Garmendia aktore zaldibiarra bat dator; uste du “benetako inbertsioak” egin behar direla euskararen alde. Zineman, telebistan eta antzerkian aritzen da Garmendia, eta iritzi dio gaztelerari “foku eta diru gehiago” ematen zaizkiola. “Denen artean saiakera egin beharko litzateke bi hizkuntzen arteko berdintasuna lortzeko, gutxienez”. Helburu horretara bidean, kontsumitzaileen erantzukizuna ere nabarmendu du: “Alde guztietatik hartu behar dugu erantzukizuna, baita euskaraz kontsumitzeko ere”. Dena den, Garmendiak uste du euskal ikusleen artean “militantzia indartsua” dagoela: “Euskaraz kontsumitzearren, badira ikusle batzuk beti hor egongo direnak. Ikusleria horrek txalo zaparradarik handiena merezi du. Gure sostengua ikusle horiek dira, eta ez bakarrik lanbideari dagokionez, kulturari eta hizkuntzari dagokionez ere bai”. Iker Galartza amezketarra ere antzerkian, zineman eta telebistan ibilia da, baina, azken urteotan, bere proiektu propioa sortu du: Gure Zirkua, lehenengo euskal zirkua. “Euskaraz izango ez balitz, ez litzateke Gure Zirkua izango. Beste proiektu bat izango litzateke”, esan du ikuskizunaren zuzendari eta aktoreak. Hark, Garmendiaren antzera, uste du ikusleen hizkuntza ohiturek nabarmen eragiten dutela: “Gu, orain, Tafallan [Nafarroa] gaude zirkuarekin, jende gutxirekin. Badakigu Hernanin edo Arrasaten egongo bagina, biharko emanaldia beteta egongo litzatekeela, eta hemen edukiera erdia ere ez zaigu bete. Baina guk hori bagenekien aurretik, eta berdin-berdin etortzen gara, ilusio guztiarekin eta normal”. Garmendiak adierazi du badirela plaza batzuk askoz ere euskal hiztun gehiagokoak, baina horrek ez lukeela “oztopo” izan beharko herri ez hain euskaldun batean euskaraz aritzeko: “Oztopo nagusia guk jartzen dugu. Niri Euskal Herriko edozein herritan gazteleraz antzezteak inpresioa eragiten dit oraindik, eta ikusi dut behin baino gehiagotan hori normalizatzen dela. Utz diezaiogun hori normalizatzeari: Euskal Herrian euskaraz egitea da normalena”. Kulturaren Euskal Behatokiak bildutako datuen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 1.224 antzerki emanaldi egin dira guztira aurtengo bigarren hiruhilekoan —horietatik %32,8, Gipuzkoan—, eta antzerki emanaldi horien %35,7 izan ziren euskaraz. “Zoritxarrez, askotan zera gertatzen da: udalek, antzezlanak euskaraz erosi ordez, gazteleraz kontratatzen dituzte. Batzuetan, bi hizkuntzatan erosten dute, baina, askotan, gazteleraz baino ez”, kexatu da Garmendia. Dena den, antzerkia euskaraz prestatuta ere, errentagarria izateko gaztelerara itzuli behar izaten dute askotan. “Antzezlan bat euskaraz prestatzen dugunean, 50 bat emanaldi egin ditzakegu. Baina horri segida eman nahi badiozu, erdarara itzulita bi aldiz lan gehiago egiteko aukera daukazu: Nafarroako hegoaldera joan, edo Salamancara, Burgosera zein Soriara [Espainia]. Hau da, 50 emanaldi egin ordez 120-130 egiten dituzu”, azaldu du Galartzak. Gure Zirkuaren emanaldi guzti-guztiak euskaraz izaten direnez, artistak behartuak daude “etengabe gauza berriak sortzera”. “Frantzian, esaterako, espektakulu bera 4-5 urtez egon daiteke bueltaka, eremu handia delako. Baina hemen, Iruran emanaldia izan baduzu, ez zara Anoetara gauza berarekin joango. Guri urtebete irauten digu espektakulu batek. Gero, gauza berriak sortu behar ditugu baldin eta berriro leku beretan antzeztu nahi badugu”, adierazi du Gure Zirkuko zuzendariak. Zineman ere gaztelaniara itzuli behar izaten dira askotan filmak, Aginagalde Pantailak Euskaraz taldeko kideak azaldu duenez: “Euskarazko film bat egiten denean, Espainian banaketa lortzeko beharrezkoa da film hori gaztelerara bikoiztea, Espainiako zinema aretoetan ohituta daudelako filmak espainieraz ikustera. Jatorrizko bertsioa ematen dute areto batzuetan, azpidatziekin, baina gutxi dira halakoak. Euskal Herrian bertan ere, zinema areto batzuek gaztelerara bikoiztutako bertsioa eman dute, eta ulergaitza da hori”. Euskara, argien bestaldean Pantaila eta antzezlekuetan euskara entzuteko egin beharreko bidea, ordea, ez da erraza. Aktoreen artean, adibidez, hizkuntza irizpideei dagokienez, parametro ezberdinak erabiltzen direla dio Garmendiak: “Iruditzen zait garrantzi handiagoa ematen zaiola gaztelaniaz ondo jakiteari, euskaraz ondo jakiteari baino. Proiektu batean baino gehiagotan esan izan didate gazteleraz hitz egitean azentu oso markatua daukadala, eta gauza asko aldatu behar izan ditut. Euskara maila oso apala duten aktoreak kontratatzeko orduan, aldiz, hizkuntza ez dute hain kontuan izaten”. Hala ere, uste du ez dela euskara maila apala duten aktoreen erantzukizuna, erabaki horiek hartzen dituztenena baino. “Guri gazteleraz exijitzen zaigun maila euskaraz ere exijitu beharko litzateke”, gehitu du Garmendiak. Izan ere, hark aitortu du euskaraz “erosoago” sentitzen dela antzezle lanetan: “Duela hogei urte pentsatzen nuen jada 40 urterekin erosotasun berarekin ibiliko nintzela bi hizkuntzetan, baina ez da horrela izan. Euskaraz, esaterako, gaitasuna daukat testuarekin behar den bezala hasi ez banaiz hura moldatuz joateko, eta gazteleraz ez zait hori gertatzen. Hor dago ama hizkuntzaren indarra”. Kontrako aldetik begiratuta, Galartzak esan du artista euskaldunak aurkitzea ez dela “erraza”: “Badira zirkua egiten duten artista euskaldunak, baina ez da erraza aniztasuna bilatzea”. Adibide gisa, airean oihalei helduta akrobaziak egiten dituztenak aipatu ditu; halakoak “oso modan” daudenez, ikuskizun horretarako lan eskaintza bat jarri zuen abian: “Gutxi dira horrelakoak egiten dituzten euskaldunak, baina aireko akrobaziak egiteaz gain, esate baterako, kontortsioa ere egiten duen norbait bilatzen baduzu, bilaketa are gehiago konplikatzen da”. Zaila, baina ez ezinezkoa Oholtzaren gainean ibiltzen direnen artean, berriz, euskararen erabilera “nahiko handia” dela adierazi du Garmendiak: “Segun eta zer lekutan zabiltzan, eta zer konpainiarekin. Egia da gaztelania asko erabiltzen dela, baina nire inguruan, behintzat, handia da euskararen erabilera. Oholtzan ikusten dugunari atzean ere eutsi behar diogu; bestela, nolabaiteko maskara bat izango litzateke”. Dena dela, Garmendiak azpimarratu du berak eta ingurukoek hala nahi dutelako erabiltzen dutela euskara. Aktore gisa euskaraz aritzeak “zailtasun gehigarria” duela aitortu du Galartzak, baina hizkuntzaren iraupenerako “ezinbestekoa” dela erabilera: “Egin egin behar da. Herri txiki bat da hau, eta gure eguneroko ogia izango da bizi garen artean. Beti jarraituko dugu eragozpenak gorabehera aurrera ateratzen”.
2023-10-7
https://www.berria.eus/albisteak/233667/kontalaria-naiz-eta-ipuinak-idazten-sentitu-naiz-erosoen.htm
Kultura
«Kontalaria naiz, eta ipuinak idazten sentitu naiz erosoen»
Frankismoaren hondarrean eta inguru erdaldunean jaio zen Xabier Mendiguren, Beasainen. Euskara galtzear egon zen, baina, kontzientzia hartu, eta alfabetatu egin zen, literaturaren bidez. Letren munduko figuretako bat da.
«Kontalaria naiz, eta ipuinak idazten sentitu naiz erosoen». Frankismoaren hondarrean eta inguru erdaldunean jaio zen Xabier Mendiguren, Beasainen. Euskara galtzear egon zen, baina, kontzientzia hartu, eta alfabetatu egin zen, literaturaren bidez. Letren munduko figuretako bat da.
Xabier Mendiguren Elizegi (Beasain, 1964) “gogotsu eta indar handiz” hasi zen idazten, 15 bat urterekin. Orduz geroztik, ia urtero argitaratu du lanen bat. Azkena, joan den irailean: Oso latza izan da. Elkar argitaletxeko editorea ere bada. “Urteko sasoi okerrena da hau guretzat. Denek egon nahi dute Durangon [azokan], eta ezin gara atzeratu”. Nola gogoratzen duzu zure haurtzaroa? Ez naiz Beasaingo erdigunekoa, langile auzo batekoa baizik. Orduan, nire haurtzaroa tailerrez inguratutakoa izan da. Gainera, kalean bizi ginen. Ez da oso originala, garai hartan bizi izandako guztiok kontatzen baitugu gauza berbera, baina eskolatik irtendakoan gure barriora itzultzen ginen; amari ogitartekoa eskatu, eta afalordura arte ez ginen itzultzen. Jolasa zen gure bizitzaren muina. Barrioa, ez auzoa. Batetik, nahita esan dut hitz hori, erabiltzen genuelako euskaraz ere. Eta, bestetik, nire liburu baten titulua delako: Gure barrioa 1975 [Elkar, 1998]. Justu, umetako oroitzapenak daude nobelatuta lan horretan. Zure ingurua erdalduna zen? Euskaraz bizi zinen? Beasain gaur egun baino askoz erdaldunagoa zen garai hartan. Ni bizi nintzen inguruan, familien erdiek egingo zuten etxean euskaraz, baina kalean den-denok egiten genuen erdaraz. Garai hartan, kalean ez zegoen euskaraz egiten zuen inor. Jolasa bakarrik izango zenuten kalean. Ez irakurri, ez idatzi… Garai haietan, nire kultur kontsumo bakarra telebista ikustea izango zen. Eta, akaso, igandean zinemara joatea. Nolatan murgildu zinen letren munduan? Noiz hasi zinen irakurtzen eta idazten? Nire kasua berantiarragoa da. Umea nintzela ez nintzen jabetzen horretarako trebezia edo bokazioa nuela; bai konturatzen nintzela testuak inolako zailtasunik gabe idazten nituela eta arlo horietan nota onak ateratzen nituela, baina uste nuen normala zela, denek zutela erraztasun hori. Gainera, nire etxean ez zegoen kultur tradiziorik: ni izan nintzen unibertsitatera joan zen lehen senitartekoa, ez zegoen liburutegirik, ez diskorik, ez horrelako ezer. Baina ez soilik nire etxean, auzo guztian baizik. Azken batean, baserrietatik fabriketara jaitsitako familietako seme-alabak edo Espainia aldetik iritsitakoen seme-alabak ginen denok. Gure kultura, alde horretatik, oso murritza zen. Baina, halako batean, 12 edo 13 urterekin, ez dakit noiz, jakin nuen herrian bazegoela liburutegi publiko bat, liburu asko zituena eta etxera eraman zitezkeena. Hor hasi nintzen. Gogoan duzu zein zen irakurri zenuen lehen liburua? Tintinen abenturak. Hori gelditu zait buruan, behintzat. Eta idazten? Noiz ausartu zinen jauzia egitera? Aurrerago izan zen, 15 edo 16 urterekin. Garai hartan Tolosan ikasten nuen, eta irakasle batek herrian antolatutako literatur lehiaketa baten berri eman zigun. Animatu, eta irabazi egin nuen; lehiaketa gehiagotan izena emateko indarra eman zidan horrek. Gogoan dut txapelketa bateko saria garai hartako 20.000 pezeta-edo [120 euro] zirela, baina ez dirutan, baizik liburuak erosteko. Irakasle bati aholkua eskatu nion, eta zerrenda bat egin zidan. Egia esan, formazio literario sendoa eskuratu nuen urte gutxian. Asko irakurtzen hasi nintzen, eta horrek markatu du nire ibilbidea. Makina bat sari irabazitakoa zara. Zer esan nahi dute sariek? Sarien inportantzia makaldu edo apaldu egin behar dugu: kirolean oso garbi ikusten da nor izan den lehena, nor bigarrena eta nor hirugarrena; artean, baina, bakoitzari idazle onena nor den galdetuz gero, batek bat esango du eta besteak, beste bat. Azkenerako, gustuak dira. Norberaren sentsibilitatea sartzen da hor. Batzuek besteek baino hobeto idazten dute, baina zaila da onena zein den esatea, ez baita gauza zientifiko bat. Orduan, irabazten baduzu, ongi, baina ez harrotu. Eta ez baduzu irabazten, ez jarri zalantzan zeure burua; igual, ona zara, baina epaimahaikideek ez dute jakin izan zure trebezia ikusten. Hori esango nioke idazle gazteren bati. Sariren bati uko egingo zenioke? Ni, sistematikoki, ez nago sarien kontra. Idazleok, eta beste arteetan ere berdintsu gertatzen da, oso diru gutxi irabazten dugu liburuetatik: 1.000 euro, 2.000, 3.000 agian…, baina urtebete pasa dezakegu liburua idazten. Eta idazle euskaldunei dagokienez, zer esanik ez. Horregatik, idazle gehienak amateurrak gara, beste lanbide bat dugu, eta geure denbora librean idazten dugu. Alde horretatik, sariena bada bestela jasotzen ez dugun diru ordain bat eskuratzeko modua. Baina badaude sistema hobeak edo demokratikoagoak: proiektuei emandako bekak. Bukatutako lanak saritzea baino gehiago, proiektuak neurtzea eta merezi duenari aukera ematea. Zabaltzen ari da sistema hori. Ogibidez, editorea zara zu, Elkar argitaletxean. Ez dago editore karrerarik, eta gutxi batzuk gara aukera hori dugunak. Kasualitatez hasi nintzen. 20 urte ingururekin, Argia aldizkarira joan nintzen, euskaltzale sentitzen nintzelako eta lagundu egin nahi nuelako. Zer egiten nekien galdetu zidaten, eta, ikusirik zertarako erraztasuna nuen, liburuen kritikak egiten jarri ninduten. Ordurako, hainbat liburu argitaratuak nituen nik neuk. Behin, Elkar argitaletxera jo nuen beste liburu batzuk argitaratzeko. Justu orduan, editore baten beharrean ziren han, eta, ikusirik alde batetik idatzi egiten nuela eta bestetik kritikak egiten nituela, lanpostua proposatu zidaten. Noizko kontuak dira horiek? 1988. urtean hasi nintzen. 36 urte pasatu dira jada, nire bizitzaren erdia baino dezente gehiago. Ez zara aspertu? Egun bakoitza oso ezberdina da. Ia egun guztia irakurtzen pasatzen dut, baina liburu bakoitza diferentea da. Nafarroako Erriberan kokatuta dagoen nobela poliziako bat irakurtzen ari naiz orain; hor sartuta nago. Baina Karmele Jaioren maitasun erromantikoko istorio bat nuen atzo esku artean. Liburu bakoitzean buru-belarri aritzen zara, zuzenketak egiten, nola hobetu pentsatzen… Muina antzekoa da, irakurtzea baita, baina bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Eta, horrez gain, badaude gauza txikiak ere: aurkezpenak, promozioak… Ideia berriak badaude? Edo agortzen ari da imajinazioa? Zorionez, ez da ari agortzen. Sormenaren krisirik ez dago. Idazle berriak badatoz atzetik, segitzen dute sortzen, ideia berriak dakartzate… Azken hamar urteotan erabateko aldaketa bat gertatu da, ordea, eta ez literaturan bakarrik, arte guztietan baizik: sortzaile guztiak emakumeak dira. Batetik, oso ona da hori; emakumeak baztertuta egon dira artearen hastapenetatik. Baina, bestetik, kezkatzekoa da; mutil gazteei ez zaie burutik pasatu ere egiten sortzea. Ingeniaritzara, informatikara, bideojokoetara… bideratzen dira, baina ez da ikusten mutilek idazten hasteko gogorik dutenik edo inguruak bultzatzen dituenik. Eta irakurle krisirik badago? Makal gabiltza irakurleetan. Irakurle onak dauzkagu, baina gutxi. Zergatik? Seguru asko, denbora faltan gabiltzalako, eginkizun gehiegirekin, eta estimulu askorekin: pare bat orduan ekintza bakar batean egoteko zailtasunak ditugu. Pantailaz inguratuta gaude. Ez da gauza bera pelikula bat etxean edo zinema aretoan ikustea, aretoan alboratu egiten baita inguruko dena, eta kontatzen ari diren istorioan zentratzen baitzara. Liburuekin, berriz, bakoitzak jarri behar du kontzentrazioa, eta geroz eta zailagoa da hori. Ez gurean bakarrik; esango nuke Mendebalde osoaren arazoa dela. Euskara ere baldintza izango da… Zailtasun areagotu bat dugu gai horrekin. Euskara kinka larrian dago, eta, literatura irakurtzeko, hizkuntzarekin eroso sentitu beharra dago. Kili-kolo dakizun hizkuntza batekin ezinezkoa da hori. Zure lehen idatziak gaztelaniazkoak izan ziren, ezta? Ikasketa prozesu guztia gaztelaniaz egin nuen, eta euskaraz erabat analfabetoa nintzen. Baina 18 urte bete nituenean kontzientzia hartu nuen, eta jabetu nintzen nire aitona-amonen eta gurasoen hizkuntza galtzen ari nintzela. Ez nintzen gai taxuzko bi ideia garatzeko, eta ez nekien euskaraz irakurtzen. Neure buruari esan nion ikasi egin behar nuela, eta euskaraz irakurtzen hasi nintzen; geroago, idazten. Nahikoa azkar egin nuen prozesua, neure kasa. 18 urte 1982an bete zenituen, frankismoa amaitu eta zazpi urtera, euskararen inguruko debekuak bukatuta eta kultur loraldi bete-betean. Testuinguru horrek izan zuen eraginik? Erabatekoa. Euskal Herria herri zapaldua da, eta gure hizkuntza herri handietako hizkuntzek menderatua dago. Horren kontzientzia hartzen duzunean, pentsa dezakezu: “Niri bost axola”, edo “honi kontra egin nahi diot”. Nire kasuan, oso erabaki kontzientea da; erabaki kulturala da, politikoa, eta baita erabaki bital bat ere. Nire bizitza goitik behera baldintzatzen du, harremanak euskaraz egitea erabaki bainuen. Denetik idatzi izan duzu: eleberriak, haur eta gazte literatura, antzerkia… Zein generotan sentitzen zara erosoen? Kontalaria naiz, eta ipuinak idazten sentitu naiz erosoen. Narratiba da neure eremu naturala; batzuetan, umeentzat, eta beste batzuetan, helduentzat. Antzerkia ere gustatzen zait, baina zalantza dut benetan dominatzen ote dudan idazkera dramatikoa. Poesia ere idatzi dut, baina sekula ez dut argitaratu poesia libururik, uste baitut kaskarra naizela horretan. Prentsan ere garai batean asko idatzitakoa naiz. Artikuluren bat edo beste egin dut, baina saiakera luzerik, inoiz ez. Zerk inspiratzen zaitu? Ez dakit galdera horrek erantzun zehatz bat duen. Askotan, erdi brometan, erdi serio, esaten dut idazle batzuek kanporantz dituztela antenak, airean dauden istorioak jasotzeko, eta beste batzuek burua estutzen dutela, laranja bati zukua ateratzen zaion moduan. Esan nahi dudana da istorioak jaso ditzakegula kanpoan, gizartean gertatzen diren gauzetan, entzuten ditugun elkarrizketetan, kontatzen diguten pasadizo batean, pelikula bateko diapositiba batean… Eta, beste batzuetan, norbere oroitzapenak, ametsak, ezinak… nagusitzen direla. Bi bideak erabili izan ditut nik. Gairen bati beldurrik badiozu? Idazleak askatasuna behar du idazteko. Ezin du mugarik eduki, edo ezin da behartu nahi ez duena idaztera. Denok ditugu gustuko gaiak, eta horietara jotzen dugu. Harreman sentimentalak edo maitasun istorioak izan dira nire gai nagusiak, eta gure gatazkari eta arazo politikoei buruzkoak.
2023-10-6
https://www.berria.eus/albisteak/233668/boxeolari-izango-nintzateke.htm
"Boxeolari izango nintzateke"
"Boxeolari izango nintzateke".
Idatzitako lanik kutunena? Ez dut begikorik. Bat esatekotan, azkena beti ['Oso latza izan da']. Eskuz idazten duzu? Lehen, eskuz idazten nuen beti, koaderno batean edo orri solteetan. Editore gisa, eskuz egiten dituzu zuzenketak eta bestelakoak? Ordenagailuan egiten dut lan, baina, sormenarekin lotura duen zerbait egitean, nahiago dut eskuz aritu. Boligrafoaren eta paperaren arteko ukitu hori behar dut. Idazle kutun bat? Asko. Zatarra iruditzen zait bat esatea, baina, esatekotan, Joxe Azurmendi. Irakurtzeko txokorik gustukoena? Eroso irakurtzea gustatzen zait. Ohean oso gustura irakurtzen dut, erdi eserita, erdi etzanda. Letren mundutik kanpo, zer lanbide izango zenuke? Boxeolari izango nintzateke, ikusitako pelikulengatik. Baina sekula ez dut serio landu beste ogibiderik.