date
stringdate
2012-09-20 00:00:00
2023-12-01 00:00:00
url
stringlengths
47
182
category
stringclasses
10 values
title
stringlengths
3
140
subtitle
stringlengths
0
1.17k
summary
stringlengths
5
1.18k
text
stringlengths
2
35.8k
2023-8-2
https://www.berria.eus/albisteak/231401/osasuneko-ikerketa-publikoa-bultzatuko-dute-eh-bilduk-geroa-baik-eta-zurekin-nafarroak.htm
Gizartea
Osasuneko ikerketa publikoa bultzatuko dute EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak
Navarrabiomed biomedikuntzako ikerketa zentroko langileen batzordearekin batera sinatu dute akordioa, eta batzordeak kritikatu du PSN «azken orduan» atera izana.
Osasuneko ikerketa publikoa bultzatuko dute EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak. Navarrabiomed biomedikuntzako ikerketa zentroko langileen batzordearekin batera sinatu dute akordioa, eta batzordeak kritikatu du PSN «azken orduan» atera izana.
Hiru alderdiek adierazi dute konpromisoa dutela abian den legealdian kudeaketa publikoko institutu bat izatea bermatzeko neurriak eta legeak bultzatzeko. Langileen batzordearen arabera, konpromiso politiko argia adierazten du osasuneko ikerketa institutuak kudeaketa publikoa izan dezan. Nafarroako Parlamentuan alderdiek zein batzordeko kideek eman dute akordioaren berri. Langileen izenean, Ainhoa Ostiz, Sonia Aizpuru, Beatriz Orduña eta Iban Lakarra izan dira. Alderdien izenean, berriz, EH Bilduko Arantxa Izurdiaga, Geroa Baiko Mikel Asiain eta Zurekin Nafarroako Daniel Lopez. Konpromisoak kezka bati erantzuten dio. Izan ere, Navarrabiomed biomedikuntzako ikerketa zentroaren jarduera Miguel Servet fundazioak kudeatzen du. Haren patronatuan, departamentuko, Osasunbideko, NUPeko eta Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutuko ordezkariak daude. Lehendakaria Santos Indurain da, eta lehendakariordea, berriz, Osasun zuzendari Carlos Artundo. Alta, gaur salatu denez, egungo Osasun departamentuak fundazioaren «deskapitalizazioa» bultzatu du. Horregatik, funtsezkotzat jotzen dute osasuneko ikerketa publikoaren aldeko konpromisoa adieraztea, egungo deskapitalizazio prozesua eta fundazioko lanpostuen galera geldiarazteko. Langileen batzordea kritiko azaldu da, azken orduan PSN akordiotik atera delako. Batzordearen arabera, asteartean adierazi zieten nahiago zutela Nafarroako Gobernuaren akordio programatikoa atera arte itxaron. «Duela hilabete helarazi genien konpromiso horrekin bat egiteko testua, eta ez zien inongo zalantzarik eta eragozpenik eragin». Kritikatu dute PSNk «funts gutxi eta sinesgarritasun falta» erakutsi izana. «Beren interes eta kalkulu alderdikoien arabera jokatu dute, eta saihestu nahi izan dute agertzea osasuneko ikerketa pribatizatu baten alde egiten dutela apustu benetan». Izan ere, batzordeak ohartarazi du fundazio publikoaren deskapitalizazio prozesua ez dela geratu: «Bide horretatik jarraitu nahi badute, Nafarroako osasungintza interes alderdikoietarako eta negoziorako erabiltzen duen UPNren eskutik egingo dute».
2023-8-2
https://www.berria.eus/albisteak/231402/nasa-streaming-plataforma-sortu-dute.htm
Bizigiro
NASA+ streaming plataforma sortu dute
Urte amaiera aldera estreinatuko du NASA agentziak; guztiz doakoa izango da. Misioen zuzenekoak, saioak eta beste hainbeste eskainiko dituzte.
NASA+ streaming plataforma sortu dute. Urte amaiera aldera estreinatuko du NASA agentziak; guztiz doakoa izango da. Misioen zuzenekoak, saioak eta beste hainbeste eskainiko dituzte.
Bost, lau, hiru, bi, bat, zero... Ez, ez da suziri baten atzerako kontua; apika, film klasiko baten hasierarena izan liteke. Kasu honetan, bai bata, bai bestea. NASA espazio agentziak streaming plataforma bat estreinatzea aurreikusi du urte amaiera alderako: NASA+. Eskaintza guztia eraldatzeko asmotan daude, agentziaren webguneak eta aplikazioa berrituz; halaber, edukiak kontsumitzeko aurkeztu berri duten plataforma sortuz. Motorrak berotzen hasi dira dagoeneko: webgunearen beta bertsioa kaleratu dute. NASA+ izango du izena streaming zerbitzuak; izan ere, egun arte baino gehiago plazaratu nahi dute. «Espazio gehiago. Suziri gehiago. Zientzia gehiago. Misio gehiago. NASA gehiago». Erabiltzaileek ez dute beharko harpidetzarik bideoak-eta ikusteko, eta iragarkirik ere ez da egongo. Espazio agentziaren webgunearen, sakelakorako NASA aplikazioaren eta hainbat zerbitzuren bidez —Roku, Apple TV, Fire TV— egongo da hara sartzeko modua. Oraindik deskubritzeko dago zein izango den plataformaren eskaintza zabala, zuzenekoez edo bide informatiboez gain. Badira printzak, ordea: exoplaneten ikerketak, unean uneko misioak eta programak, Lurraren klima, eguzki sistema... Hainbat saio ere izango ditu, baina ez dute zehaztapen handirik egin. Ilargiratzea, hurbil Programa horietako bat da Artemis, eta gizakia ilargira itzultzea du helburu. Joan den urte amaieran egin zuten lehen urratsa, Artemis I misioarekin. Bidaiaririk gabeko Orion ontziak 26 eguneko bidaia egin zuen Lurretik Ilargira, eta berriz Lurrera buelta. Ikusi gehiago: Rho Ophiuchi hodei multzoa, 'James Webb'-en miratik 2024ko azaroan emango diote segida, Artemis IIrekin. Lau astronautak parte hartuko dute, baina ez dira ilargiratuko. Gregory Wisman izango da komandantea, eta harekin joango dira Christina Hammock Koch, misioko lehen emakumea, eta Victor Glover, lehen beltza. Jeremy Hansen kanadarra ere izango da. 2025erako dute aurreikusia Artemis programa amaitzea, Artemis III misioarekin. Joan den martxoan aurkeztu zituzten hartako astronautek eramango dituzten jantziak. Ziur aski NASA+ bidez ikusi ahalko dira biak ala biak. Plataformaren aurkezpen bideoan bertan entzun daiteke emakume bat hau esanez: «Goazen!». Vogager 2, noraezean Hainbat programa eta misioren informazioa eskainiko dute NASA+ aplikazioan. Azken egunetan, ordea, bada espazioan noraezean ibili den zunda bat, Voyager 2 deiturikoa. Duela bi aste, apurtxo bat desbideratu zen haren antena. Lurretik 20.000 milioi kilometrora dago zunda, eta apurtxo bat asko da halako distantzietan; nahikoa, behintzat, seinalerik ez jasotzeko. Voyager 2-ren «taupadak» jaso berri dituzte. Seinaleak ahulegiak dira, ordea, informazioa bidaltzeko eta jasotzeko. Ordenak bidaltzen saiatzea besterik ez dute, halako batean ontzia berriro orientatzeko esperantzaz —behintzat, haren ibilbidea ez da aldatu—. Ahalegin horiek porrot egiten badute, urriaren 15era arte itxaron beharko dute. Egun horretan, maniobra automatiko bat programatua zuten, Voyager 2 Eguzkirantz begira jartzeko. Horrela kontaktua berreskuratu ahal izatea espero dute, aurretik lortzen ez badute. Ikusi gehiago: Erantzun bat materia eta energia ilunei
2023-8-2
https://www.berria.eus/albisteak/231403/ikusgunek-24-orduko-telefonoa-aktibatu-du-lgtbifobia-salatzeko.htm
Gizartea
Ikusgunek 24 orduko telefonoa aktibatu du LGTBIfobia salatzeko
Ikusgunek 24 orduko telefonoa aktibatu du Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaiak ospatzen diren egunetan, LGTBI pertsonen eskubideen alde.
Ikusgunek 24 orduko telefonoa aktibatu du LGTBIfobia salatzeko. Ikusgunek 24 orduko telefonoa aktibatu du Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaiak ospatzen diren egunetan, LGTBI pertsonen eskubideen alde.
Joan diren urteeetan bezala, Ikusgune Gasteizko LGTBIfobiaren aurkako behatokia «erne» egongo da Andre Maria Zuriaren jaietan. 24 orduko salaketa telefonoa aktibatu dute, neska eta blusen batzordearekin lankidetzan.«Denon artean gorroto eta LGTBI+fobiarik gabeko Gasteiz bat eraikitzen jarraituko dugu, jairik jai, auzoz auzo eta kalez kale». Jakinarazi dutenez, uda izan ohi da gertakari LGBTIfobo gehienen berri ematen den garaia, eta jai giroaren testuingurua «erasokorra» izan daiteke. «Alkoholak eta maskulinitate bortitzaren erreprodukzio zein gorazarreak iseka, diskriminazio irain edo eta eraso fisikoen jomuga bihurtzeko aukera sortzen dute». 2022ko jaietan bi gertakari LGTBIfoboren berri izan zutela gogoratu dute. «Indarkeria LGTBI+fobikoaren oinarrian, gizartean zabaltzen ari den gorroto diskurtsoak daude. Genero identitate eta adierazpen ez-zisheterosexualak ukatzen eta barregarri uzten ari dira, LGTBI+ pertsonen existentzia eta eskubideak zalantzan jartzen ari dira, eta gure bandera eta sinboloen aurka jotzen ari dira». Hori kontuan izanik, salaketa telefonoaz gain, informazio eta arreta guneak jarriko dituzte hiriko hainbat gunetan, «jaiak gureak direla azpimarratzeko eta LGTBI+ pertsonen eskubideen alde gaudenok gehiengoa garela ikusarazteko».
2023-8-2
https://www.berria.eus/albisteak/231404/amurrioko-udalak-konpromisoa-hartu-du-euskara-teknikari-bat-jartzeko-hilabeteko-epean.htm
Gizartea
Amurrioko Udalak konpromisoa hartu du euskara teknikari bat jartzeko, «hilabeteko epean»
Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak bertan behera utzi ditu, behin-behinean, hurrengo egunetarako martxan zituzten ekinaldiak. Hala ere, udalak konpromisoa beteko ez balu, Kontseiluak berriz ere abiaraziko lituzke ekinaldiak irailean.
Amurrioko Udalak konpromisoa hartu du euskara teknikari bat jartzeko, «hilabeteko epean». Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak bertan behera utzi ditu, behin-behinean, hurrengo egunetarako martxan zituzten ekinaldiak. Hala ere, udalak konpromisoa beteko ez balu, Kontseiluak berriz ere abiaraziko lituzke ekinaldiak irailean.
Amurrioko Udalak (Araba) euskara teknikariaren lanpostua kentzea erabaki zuen joan den ostegunean egin zuten Udal Osoko Bilkuran. Udal lanpostuen zerrendan egin zituzten aldaketa batzuen harira hartu zuten erabakia. Horren aurrean, Aiaraldeko Euskalgintza Kontseilua Amurrioko alkate Txerra Molinuevorekin eta euskara zinegotzi Arantzazu Saratxaga de Islarekin bildu zen herenegun, kendutako euskara teknikari lanpostuaren inguruan hitz egiteko. Egindako bilerek eta Kontseiluak martxan jarritako hainbat ekinaldik fruitua eman dute: Amurrioko Udalak konpromisoa hartu du euskara arloan osorik jardungo duen jardunaldi osoko langilea ezartzeko. Udalak hilabete izango du konpromisoa betetzeko. Gainera, udalak jakinarazi du langile horren kontratuan euskara arloko funtzioak agertuko direla soilik. Kontseiluak «ontzat» eman du udal gobernuak hartutako konpromisoa, betiere «hitzeman bezala» betez gero. Beraz, Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak bertan behera utzi ditu, oraingoz, gai horren inguruan hurrengo egunetarako martxan zituzten ekinaldiak. Hala ere, adierazi du udalak bere konpromisoa betetzen ez badu berriz ere «aktibatuko» dituztela ekinaldiak irailean. Argi utzi dute erabaki horrek ez dituela «desaktibatzen» elkartearen aldarrikapenak, ezta «ezeztatzen» ere Amurrioko egoera eta udalaren erabakiaren inguruko analisia. Horren aurrean, azaldu dute elkartearen genetikan dagoela «aurrerapausoak lortzea» eta «elkarlana sustatzea» Aiaraldeko euskararen normalizazioan «aurrera egiteko». Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak adierazi duenez, egoera aztertzeko garaian agerian geratu zen «desadostasun nabarmenak» daudela udal gobernuaren eta Kontseiluaren artean. Alde batetik, euskara teknikariaren lanpostua kentzearen inguruko balorazio «arras desberdina» egin zuten bileran: «Udal gobernuarentzat, barne mailako berrantolaketa bat da, euskara arloari kalterik egiten ez diona, lanpostuaren izendapenetik harago euskara teknikariaren funtzioak beste udal teknikari batek betetzen baititu. Euskalgintzarentzat, berriz, larria da erabakia, eta mezu zuzena bidaltzen du: ez da behar euskara normalizatzeko teknikaririk». Kontseiluak gaineratu duenez, zerbitzu soziokulturaletako koordinatzailearen lanpostua duen langileak hainbat alor betetzen ditu: hezkuntza, osasuna, elkarbizitza eta euskara. Horren inguruko balorazio desberdina egiten dute udal gobernuak eta Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak; izan ere, Kontseiluaren ustez, lanpostu horretan dagoen pertsonak euskarari eman diezaiokeen denbora «ez da nahikoa». Horren harira, Kontseiluak, «balorazio objektibo» bat egiteko asmoz, proposatu zuen argitara ateratzea kargu hori duenak kontratuan jasota dauzkan funtzioak. Egoera ikusita, Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak iritzi dio udalak euskara arlora bideratzen dituen giza baliabideak «eskasak» direla. Hori argudiatzeko, azaldu du azken Euskara Plana sortzeko langile bat kontratatu behar izan zutela sei hilabetez. Bestalde, salatu du 2018-2022ko Euskara Plana ez dela behar bezala bete. Azkenik, nabarmendu duenez, Eusko Jaurlaritzak aholkatzen du euskara sailean lau langile izatea 10.000 biztanle inguruko Amurrio bezalako herri batean. Alkatearen arabera, euskarari laguntzeko bidea ez da funtzionario gehiago izatea. Baliabide falta hori konpontzeko, udalak adierazi zuen «kanpo kontratazioak» aukera bat direla.
2023-8-2
https://www.berria.eus/albisteak/231405/hizkuntzen-auzia-espainiako-gobernuko-negoziazioen-laquoerdiguneanraquo-jartzeko-eskatu-dute-zenbait-eragilek.htm
Gizartea
Hizkuntzen auzia Espainiako Gobernuko negoziazioen «erdigunean» jartzeko eskatu dute zenbait eragilek
Euskalgintzaren Kontseiluak eta katalanaren eta galizieraren aldeko zenbait erakundek egin dute eskaera. Salatu dute Espainiako Estatuan hizkuntza gutxituen normalizazioaren aurkako «oldarraldia» gertatzen ari dela.
Hizkuntzen auzia Espainiako Gobernuko negoziazioen «erdigunean» jartzeko eskatu dute zenbait eragilek. Euskalgintzaren Kontseiluak eta katalanaren eta galizieraren aldeko zenbait erakundek egin dute eskaera. Salatu dute Espainiako Estatuan hizkuntza gutxituen normalizazioaren aurkako «oldarraldia» gertatzen ari dela.
Hizkuntza gutxituen normalizazioaren aurkako «oldarraldiari» aurre egiteko, hizkuntzen auzia Espainiako Gobernuko negoziazioen «erdigunean» jartzeko eskatu dute hizkuntza gutxituen aldeko zenbait erakundek. Uztailaren 25an, Galiziaren Nazio Egunean, Santiago de Compostelan (Galizia) batu ziren euskararen, galizieraren eta katalanaren aldeko zenbait eragile. O Festigal jaialdiaren barruan antolatutako eztabaidan hartu zuten parte Euskalgintzaren Kontseiluak, Galiziera Normalizatzeko Mahaiak, Katalan Hizkuntzaren Aldeko Plataformak eta Valentziako Kultur Ekintza elkarteak. Bertan egon ziren, besteak beste, Euskalgintzaren Kontseiluko zuzendari Idurre Eskisabel eta zuzendari ohi Paul Bilbao. Eragile guztiek bat egin dute Espainiako Estatuan «hizkuntza gutxituen aurkako oldarraldi bat» dagoela. Batez ere «oldarraldi judizialak» kezkatzen ditu. Adierazi dutenez, normalizazioaren bidean «oztopoak eta atzerapausoak» eragiten ari da. Horri erantzuteko, egungo egoera politikoa «abagune» gisa ikusten dute. Espainiako Gobernurako negoziazioak hizkuntzen auzia «erdigunean jartzeko eta gutxieneko bermeak eskatzeko» baliatu behar direla azpimarratu dute. Espainiako gobernuko negoziazioetan gaia mahai gainean jartzeko eskatu diete hizkuntza gutxituen alde dauden alderdi politikoei, eta hiru eskakizun azpimarratu dituzte: Batetik, «ezinbestekotzat» jo dute hizkuntza gutxitu guztiek beren lurraldeetan ofizialtasuna izan dezatela. Bestetik, eskatu dute «iraulketa» bat izan behar dela estatuko administrazio «periferikoan» eta justizia administrazioan. Azkenik, adierazi dute ikus-entzunezkoetan euskararen eta hizkuntza gutxituen presentzia handitu behar dela, bereziki streaming bidezko nazioarteko plataformetan eta haurrentzako edukietan. Eta gehitu dute: «Ezin da gertatu hizkuntza gutxituen eta beraz hizkuntza eskubideen afera negoziazioetatik kanpo gelditzea beste lau urtez». Eskuin muturraren «goraldia» ere izan zuten hizpide. Espainiako Estatuan ez ezik, Europan eta munduan ere hedatzen ari den «joera globalizatua» dela uste dute. Adierazi dute joera horrek hizkuntza gutxituen «kontrako jarrerak hedatzea» dakarrela. Hala, hizkuntza gutxituen aldeko borroka «ezinbestekotzat» jo dute.
2023-8-2
https://www.berria.eus/albisteak/231406/azken-hogei-urteotako-zereal-uztarik-txarrena-jaso-dute-nafarroan.htm
Ekonomia
Azken hogei urteotako zereal uztarik txarrena jaso dute Nafarroan
Euri eskasak hegoaldeko lurren ekoizpena amildu du. Uzta hobea izan da gero eta iparralderago. Ekilore gero eta gehiago landatzen dira
Azken hogei urteotako zereal uztarik txarrena jaso dute Nafarroan. Euri eskasak hegoaldeko lurren ekoizpena amildu du. Uzta hobea izan da gero eta iparralderago. Ekilore gero eta gehiago landatzen dira
Lehorteak zerealen uztari egin dion kalteari zenbaki bat jarri diote Nafarroan: -%7. Intia nekazaritza arloko sozietate publikoaren arabera, maila horretan gutxitu da zerealen uzta Nafarroan. Ez dirudi jaitsiera handia, baina iaz, euri faltaren ondorioz orduan ere, dagoeneko %15 jaitsi zen bildutakoa, eta, ordukoari aurtengoa gehituz, ondorioa kezkagarria da: aurtengo uzta azken hogei urteotako eskasena izan da. Erriberrin egindako jardunaldi batean, Nafarroako kooperatiben %85en emaitzak jaso ondoren, Intiak kalkulatu du aurten 630.000 tona zereal jaso dituztela. Iaz, berriz, 678.000 tona izan ziren. Aurtengoa azken hamar urteotako batezbestekotik %21 beherago dago, eta, Intia datuak biltzen hasi zenetik, duela 32 urte, lau besterik ez dira okerragoak izan. Baina, 2022koarekin alderatuta, bada desberdintasun handi bat: iaz hobeto eutsi zioten ekoizpenari Erriberan, eta okerrago, berriz, handik iparraldera doazen eskualdeetan. Aurten, berriz, doi-doi kontrakoa gertatu da, eta gero eta iparralderago jo, orduan eta uzta hobeagoa izan dute. Erriberari eragin dio batez ere neguko eta udaberri hasierako euri faltak. Ureztatzen ez diren lur batzuetan ez dute uzta bildu ere egin, txikiegia zelako, eta beste batzuetan hektareako ehun kilo baizik ez dira bildu. Huskeria bat da, kontuan hartuta zenbat jaso duten Iruñerriko ipar mendebaldean: 5.000 kilo hektareako. Eremu horretan «errendimendu handia» izan du lurrak, batez besteko tenperaturak ez baitira hain beroak izan, eta udaberrian euria egin baitu. Intiak, ordea, nabarmendu du ekaineko ekaitz ugarietan izandako txingorrak kalteak eragin dituela lursail batzuetan. Nafarroa erdialdean, berriz, «balantze negatiboa» egin du Intiak, hektareako bildutako 3.400 kiloak batezbestekotik behera egon dira eta. Ilarretarako eremua hirukoiztu egin da Hirugarren urtez jarraian, Nafarroako nekazariek gari gehiago landatu dute garagarra baino. Baina gehien hazi den laborea ilarrarena da, Intiak azaldu duenez, NPB Nekazaritza Politika Bateratuak horretako laguntzak eman baititu. Ilarrari eskainitako hektareak lehen halako hiru dira, 2.800 hektareatik 9.000 hektareara igaro baitira. Koltzarako lurrak pixka bat gutxitu dira, eta pixka bat handitu, berriz, ekilore landaketak. Azken hori 2022an ere gehiago landatu zuten nekazariek, Ukrainako gerrak eragin baitu produktu horren eskasia eta garestitzea, Ukraina haren esportatzaile garrantzitsuena baita. Orotara, igoera txiki bat (+%2,3) izan da zerealetara bideratutako lursailen hedaduran: 193.368 hektarea izan dira, Nafarroan landatutako %55 inguru. Euri eskasiak, ordea, izan du ondorio on bat: hezetasunak ekarri ohi dituen gaixotasunak ez dira agertu, eta zerealek, oro har, osasun ona izan dute. Araban ere pattal Araban ere laboreetako lurren zati esanguratsu bat betetzen du zerealak, baina oraindik ez dute uztaren balantzea egin. Udaberri hasieran ohartarazi zuten asko txikituko zirela, baina, maiatzeko eta ekaineko eurien ondorioz, datuak uste baino hobeagoak izango zirela onartu zuten nekazarien ordezkariek lehorteari buruzko mahaiaren bileran. Egoera askoz okerragoa izan da Espainian, han euri falta oso nabaria izan baita zerealak landatzen diren eskualdeetan, eta bereziki hegoaldekoetan. Ekainean, %45eko galera izan zitekeela iragarri zuten. Iazkoa baino uzta hobea izan du, berriz, EBko ekoizle handienak, Frantziak.
2023-8-2
https://www.berria.eus/albisteak/231407/nigerko-junta-militarrak-mugako-bide-batzuk-ireki-ditu.htm
Mundua
Nigerko junta militarrak mugako bide batzuk ireki ditu
Atzerriko herritarren ebakuazioak egiten ari diren honetan, Ecowasek ordezkaritza bat bidali du kolpistekin negoziatzera.
Nigerko junta militarrak mugako bide batzuk ireki ditu. Atzerriko herritarren ebakuazioak egiten ari diren honetan, Ecowasek ordezkaritza bat bidali du kolpistekin negoziatzera.
Nigerren estatu kolpea eman duen junta militarrak bart gauean jakinarazi zuen berriz zabaldu dituela Aljeriarekin, Burkina Fasorekin, Libiarekin, Malirekin eta Txadekin herrialdeak dituen aire eta lur mugak. Juntak asteazkenean itxi zituen mugak, Mohamed Bazoum presidentea kargutik bota eta konstituzioa indargabetu zuela adierazi zuenean. Nigerrek beste bi herrialderekin ere badu muga; oraingoz, kolpistek ez dute ezer esan zer pasatuko den Nigeriaren eta Beninen kasuan. Berriz ireki dituzten mugak urruneko basamortuetan daude batez ere. Nigerren merkataritza funtsezko sarrerak itxita daude, Ecowas Afrika Mendebaldeko Estatuen Ekonomia Erkidegoak agindutako zigor ekonomikoen ondorioz; horrekin batera, Ecowasek igandera arteko ultimatuma eman zien kolpistei agintea utzi eta Bazoum estatuburu kargura itzularazteko. Ecowasek ordezkaritza bat bidali du gaur Nigerrera, estatu kolpea eman zuten militarrekin negoziatzeko. Eta, gaur ere, Ecowaseko Defentsa ministroek bilkura bat hasi dute, herrialde horretako egoera politikoaz aritzeko; etzi arte iraungo du. Nigerren dagoen ordezkaritzako kide Abdel-Fatau Musahek gaur esan du joan den asteburuan egin zuten mehatxua, indarkeria erabiltzekoa, «mahai gainean dagoen azken baliabidea» dela, baina «prestatu» beharra dagoela horretarako ere. Hori ikusirik, Malik eta Burkina Fasok gogor erantzun zuten herenegun, adierazita «gerra deklarazio baten parekoa» litzatekeela esku hartze militar bat. Estatu kolpearen ondoren, Niger junta militar baten gidaritzapean dagoen Afrika mendebaldeko laugarren herrialdea da, Malirekin, Gineako Errepublikarekin eta Burkina Fasorekin batera. Ebakuazioekin segitzen dute Segurtasun egoera okertu denez, eta Maliren eta Burkina Fasoren adierazpenen ostean, hainbat herrialde beren herritarrak ebakuatzen hasi ziren atzo, beren kabuz edo aliatuen laguntzari esker. Beste batzuk ebakuazio planak prestatzen ari dira. Gehienbat Europako herritarrak zeramatzaten lehen hegazkin militarrak Parisen eta Erroman lurreratu dira gaur. Adibidez, Frantziako Atzerri ministro Catherine Colonnak aditzera eman duenez, arratsalderako 736 pertsona ebakuatu dituzte —gehienak zibilak dira—, hiru hegalditan. Baina hegazkin horietan beste herrialde batzuetako herritarrak ere joan dira, hala nola Portugalgoak, Belgikakoak, Alemaniakoak, AEBetakoak, Kanadakoak, Libanokoak, Japoniakoak eta Nigerkoak bertakoak. Bitartean, estatu kolpea babesten duen Nigerko M62 mugimendu zibilak dei egin die Niamei hiriburuko biztanleei «mobiliza daitezen» eta nazioarteko aireportua blokeatu dezaten, «kanpaldi herritar bakezale» baten bidez; hori egitea nahi du atzerriko indar militarrek herrialdetik alde egin arte. M62 Mugimenduak antolatu zuen igandean hiriburuan Frantziaren enbaxadaren kontrako erasoekin amaitu zen manifestazioa.
2023-8-2
https://www.berria.eus/albisteak/231408/musika-frantsesa-izango-da-protagonista-organo-zikloan.htm
Kultura
Musika frantsesa izango da protagonista organo zikloan
Donostiako Musika Hamabostaldiak doako hamasei kontzertu bildu ditu ziklo horretan. Hamalau organistak hartuko dute parte, eta hainbat estilo izango dira entzungai.
Musika frantsesa izango da protagonista organo zikloan. Donostiako Musika Hamabostaldiak doako hamasei kontzertu bildu ditu ziklo horretan. Hamalau organistak hartuko dute parte, eta hainbat estilo izango dira entzungai.
Donostiako Musika Hamabostaldiaren ziklorik ezagunen eta zabalenetako bat da organo zikloa. Gipuzkoa osoko elizak musika organistikorako eszenatoki bihurtzen ditu, nahiz eta Donostia izaten duen egoitza nagusia. Hala, Tolosan, Azpeitian, Deban, Ataunen, Azkoitian eta Usurbilen ere egongo da kontzertuez disfrutatzeko aukera. Doako hamasei emanaldik osatuko dute jaialdiaren 84. aldiaren organo zikloa, bihar hasi eta hilaren 15era arte. Euskal Herriko eta nazioarteko ospe handiko hamalau organistak hainbat programa aurkeztuko dituzte Gipuzkoan barrena: «Euren ibilbideagatik nazioartean erreferente diren bi organista handi izango ditugu aurten, esaterako: Daniel Roth eta Thomas Trotter», adierazi du Ana Belen Garciak, Organo zikloaren koordinatzaileak. Antolatzaileen hitzetan, herrialdean dagoen organo ondarea erakusteko aukera paregabea da zikloa, eta, azken bi aldietan, 4.500 lagunetik gora bildu ditu. Donostiako Santa Maria basilikako Cavaille-Coll organoa izango da aurtengo organo zikloko protagonistarik handienetako bat. Urte hasieran bukatu zituzten hori zaharberritzeko lanak, eta bueltan da, berriro ere, haren soinua lau haizeetara zabaltzeko prest. Hala ere, Gipuzkoan barrena dauden bestelako organoak ere benetako «maisulanak» dira, antolatzaileek nabarmendu dutenez; hala nola Ataungo organo barroko iberiarra, Donostiako San Bizente elizakoa, Azkoitiko Andre Mariaren Zeruratzea parrokiakoa, Tolosako Andre Mariakoa edo Donostiako Iesu elizako organo garaikidea. Nazioarteko hamar organista handiren eskuak hartuko dituzte organo horiek aurten, beste batzuen artean: Thomas Trotter (Erresuma Batua), Felix Hell (Alemania), Mami Sakato (Japonia), Joonho Park (Hego Korea), Monica Melcova (Eslovakia), Jonathan eta Tom Scott (Erresuma Batua), eta Daniel Roth, Jean-Baptiste Robin, Eric Lebrun eta David Cassanenak (Frantzia). Euskal Herriko beste lau organistak ere parte hartuko dute zikloan: Ana Belen Garciak berak, Esteban Landartek, Alize Mendizabalek eta Jesus Gonzalezek. Zikloa, gehienbat, erromantizismoan eta XX. mendearen lehen erdialdeko musikan oinarrituko den arren, estilo ezberdinak jorratuko dituzte organistek. Esaterako, Errenazimentuko eta Iberiar Barrokoko musika hartuko dute ardatz Jesus Gonzalok eta Ataungo Eate Abesbatzak. Thomas Trotterrek, ordea, udaletxeetako organoei eskainitako errezitaldia egingo du; izan ere, herrialde anglosaxoietan bereziki, udaletxeko ekitaldietan maiz jotzen da organoa. Scott anaiek, aldiz, pianoa eta organoa uztartuko dituzte, aldi berean hain antzekoak eta hain desberdinak diren bi instrumentuak aurrez aurre jarrita. Ikuskizun zinematografiko bat ere egongo da; Garciak, Thierry Biskari abeslari eta perkusionistaren laguntzarekin, soinu banda jarriko dio 1928ko El Mayorazgo de Basterretxe filmari. Hain zuzen, emanaldi horrek emango dio hasiera bihar zikloari, Debako Andre Maria elizan, 20:00etan. Debako Aitzuri abesbatza ere arituko da eurekin. Debatik Donostiara egingo du salto egitarauak; hain zuzen, Donostiak hartuko ditu kontzertu gehienak. Thomas Trotterrek Artzain Onaren katedralean joko du, etzi, 20:00etan. Hainbat konpositoreren obrak biltzen dituen The Town Hall Tradition programa aurkeztuko du bertan: «Trotterrena entzuteko moduko programa da», nabarmendu du Garciak. Esteban Landarten txanda izango da abuztuaren 5ean. Organorako errepertorio erromantikoaren gailurrean du izenburua organista irundarrak aukeratutako programak, eta Frantziako eta Alemaniako bi pieza erromantiko biltzen ditu: Cesar Francken Grande piece symphnique, 17. op. eta Julius Reubkeren Sonate uber Psalm 94. Haren ustez, programa oso ondo egokitzen da testuingurura. Donostiako Santa Maria Elizan izango da kontzertua, 20:00etan: «Emanaldi hau, Santa Mariako organoari ongietorria emateko modu bat da», adierazi du Landartek. Donostian jarraitu baino lehen, geldialdi txiki bat egingo du zikloak, Ataungo Tourseko San Martin elizan, zehazki. Urtero izaten da kontzertu bat bertan, eta, aurten, Jesus Gonzalez eta Ataungo Eate Abesbatza izango dira protagonistak. Haien kontzertuan, XV. mendetik XVIII. mendera bitarteko egileen lanak interpretatuko dituzte; besteak beste, Ribera, Robledo, Cabanilles eta Scarlattirenak. Felix Hell izango da zikloa Donostiara bueltatzeko arduraduna. Lotura berezia dauka AEBetako eta Hego Koreako musika organistikoarekin, eta organoaren munduan «haur miragarria» dela esan du zikloko koordinatzaileak. Debuta izango du aurten Hamabostaldian, Donostiako San Inazio elizan Berealdiko sonoritatea programa aurkezten. Musika frantsesa eta alemaniarra uztartuko ditu Hellek, abuztuaren 6an, 20:00etatik aurrera —beste kontzertu bat ere emango du, Azkoitiko Andre Mariaren Zeruratzea parrokian, abuztuaren 13an, 20:00etan—. Daniel Rothek hartuko du Hellen lekukoa, abuztuaren 7an. Sarritan aritu da Donostian, eta, Donostiako Koruko Andre Mariaren basilikan emango du kontzertua aurten, Maisuen maisutasuna programa aurkezteko. Horrekin guztiarekin batera, Organo Erromantikoaren Nazioarteko Ikastaroa ere egingo dute aurten, eta Roth bera arituko da irakasle. Ikastaroaren 39. aldia da aurtengoa eta mundu osotik etorritako ikasleek hartuko dute parte, bost egunez. Rothekin ikasitakoa erakusteko aukera izango dute amaieran, abuztuaren 11n, Donostiako Koruko Andre Mariaren Basilikan, 20:00etan. Organoa eta pianoa, aurrez aurre Rothen ondotik, Jean-Baptiste Robin izango da jotzen hurrengoa, abuztuaren 8an. Versaillesi lotutako musikagile ospetsua da Robin, eta Luis XIV.aren gortetik gaur egunera programa aurkeztuko du, 20:30etan, Donostiako San Bizente elizan. Bach, Schumann edo Liszten gisako autoreen piezekin uztartuko ditu bereak. Abuztuaren 9an, Scott anaiak hartuko ditu Artzain Onaren katedralak, 20:00etan. Pianoaren eta organoaren soinuek bat egingo dute euren «ezhoiko» kontzertuan, baina lan ezagunak izango dira joko dituztenak: Mozarten Txirula magikoaren obertura, Debussyren Fauno baten siestarako preludioa, Liszten 2. Rapsodia hungariarra eta Griegen Peer Gynten suitea, hain zuzen ere. Eric Lebrun frantziarrak hartuko die erreleboa, abuztuaren 10ean. Frantziako musika eskainiko du San Bizente elizan, Musika frantsesa lau mendez programaren barruan. Gainera, berak konposatutako …pour l’orgue de San Sebastian lana bertan estreinatuko du. Abuztuaren 11n, Koruko Andre Maria Musika kaperak kontzertua emango du, Tolosako Andre Maria elizan, 20:00etan. Alize Mendizabal organistaren, Lucia Gomez sopranoaren eta Jesus Garcia Arejula baritonoaren laguntza izango du abesbatzak, Paris: Trocaderotik Madeleinera programa aurkezteko: Francken hiru piezarekin hasi, eta Gabriel Faureren Requiem ospetsuarekin amaituko da programa. Lehen zatian Mendizabalek joko du, bakarka, eta ondoren izango da abesbatzaren txanda. 30 abeslarik hartuko dute parte kontzertuan, hamar instrumentu jolerekin batera. Bertsio originalaren alderdirik «intimoenean» interpretatuko dute programa: «Bertsioa oso ondo egokitzen zaio programa emango dugun tenpluari», adierazi du Mendizabalek. Azpeitira egingo du zikloak salto jarraian, eta Mami Sakato arduratuko da, abuztuaren 12an, Loiolako santutegian kontzertua emateaz. Sakato Japoniako gaur egungo organistarik garrantzitsuenetariko bat da, Frantziako musikan aditua da, eta bertako autoreak aukeratu ditu Hamabostaldira itzultzeko. Berriz ere bueltan, Donostiako Iesu elizak Joonho Park korearraren kontzertua hartuko du abuztuaren 13an, zenbait alditan zikloan parte hartu eta gero. Organoaren lengoaiak aurkeztuko du Parkek, zikloko organorik berrienean (2011an eraiki zuten). Inprobisazioak ere tarte garrantzitsua izango du, eta bi inprobisatzaile entzutetsu arituko dira aurten: David Cassan eta Monica Melcova. Abuztuaren 14an eta 15ean egingo dituzte emanaldiak, hurrenez hurren. Cassanek Erromantizismo alemanetik sinfonismo frantsesera programa aurkeztuko du, eta Liszten eta Louis Vierneren bi obrarekin egingo du debuta zikloan. 20:30ean izango da emanaldia, Donostiako San Bizente elizan. Monica Melcovak, berriz, Usurbilgo Salbatore elizan emango dio amaiera zikloari. Organista eslovakiarrak organoaren historia berrikusiko duen proposamen bat aurkeztuko du, Andoni Egaña eta Alaia Martin bertsolarien hausnarketen eta hitzen laguntzaz.
2023-8-4
https://www.berria.eus/albisteak/231410/arnasguneak-indartsu-jagoteko-bideen-bila.htm
Gizartea
Arnasguneak indartsu jagoteko bideen bila
Urteak dira lehen zantzuak agertu zirela, eta ordutik hainbat datuk berretsi dituzte arnasguneetan dauden zenbait arazo. UEMA da eremu horien defendatzaile irmoenetarikoa, eta egiturazko neurriak eskatzen ari da. Zeharkako politika batzuekin bideratu behar dira neurri horiek: arazoaren osotasunari begira.
Arnasguneak indartsu jagoteko bideen bila. Urteak dira lehen zantzuak agertu zirela, eta ordutik hainbat datuk berretsi dituzte arnasguneetan dauden zenbait arazo. UEMA da eremu horien defendatzaile irmoenetarikoa, eta egiturazko neurriak eskatzen ari da. Zeharkako politika batzuekin bideratu behar dira neurri horiek: arazoaren osotasunari begira.
Ez dira susmo eta pertzepzioak bakarrik. Udalerri euskaldunen UEMA mankomunitatean aspalditxotik dute kezka herri euskaldunenetan euskara atzentzen ari ote diren, baina bertako koordinatzaile Miren Segurolak gogoratu nahi du ikerketa soziolinguistikoetan ere argi azaltzen ari dela errealitate hori, berretsita. Ateratzen diren ikerketa «ofizial» guztiak aztertzen dituzte horretarako, azterketa «propioak» ere egiten dituzte, eta kezkarako motiboak badira. «VII. Inkesta Soziolinguistikoa bera hartzen baduzu, eta hiru adierazle nagusiak aztertzen badituzu, ematen du datuak ez direla hain txarrak, baina xehetasunetan sartzen bazara, eta hirugarren guneko eta laugarren guneko datuak ikusten badituzu, edo alderatzen badituzu zentsuko datuekin, guretzat badaude adierazgarriak diren kontuak». Segurolaren adierazpenean bada egoera bere konplexutasun osoan ulertzeko ezinbestekoa den ñabardura bat; hirugarren eta laugarren guneak aipatu ditu; alegia, gune euskaldunak, eta euskaldunetan euskaldunenak. Izan ere, euskararen trinkotasun galera eremu euskaldunenetan gertatzen ari da batez ere, eta tankerako sailkapenei ondo erreparatu behar zaie egoera doi aztertzeko. Inkesta Soziolinguistikoak erabiltzen dituen irizpideen arabera, hirugarren gune deituan herritarren %50-%80 artean dira euskaldunak; laugarren gune deituan, %80tik gora. Baina zona bakoitzean euskarak duen trinkotasunari erreparatzeko, badira sailkapen gehiago ere. «Udalerri euskaldunak eta arnasguneak». Bereizketa hori egiten dute, adibidez, UEMAn bertan. Lehena zedarritzeko, ezagutza bakarrik hartzen dute aintzakotzat; euskararen ezagutza %70 gainditzen duten udalerriek dute udalerri euskaldun izendapena. Arnasgune bat zer den zehazteko, erabilerari ere erreparatzen diote. Azterketa demografikoei ere tentu handiz begiratzen diete mankomunitatean, eta aldaketa demografikoek izaten dituzten ondorioei. «Azken urteotan argi ikusi da, esate baterako, udalerri euskaldunetan jaiotzen diren umeen %30ek guraso atzerritarrak dituztela», esplikatu du Segurolak. Horrek eragina du hizkuntzaren bilakaeran. «Ikastetxeetan, gaitasun erlatibora begira, asko antzematen da». Horra argitzea komeni den beste kontzeptu ezinbestekoa: gaitasun erlatiboa. «Pertsona bat errazago zer hizkuntzatan moldatzen den: hori da», zehaztu du Segurolak. Eta ugaritzen ari dira, herri euskaldunenetako eskoletan ere, euskara etxean jaso ez duten haurrak, eta, ondorioz, eskolan hastean usu euskara hizkuntza gaitasun urria dutenak. Deman Hori ez da ikusten ari diren aldaketa bakarra. «Gaur egun, zera ere gertatzen ari zaigu: lehen, arnasguneetan ume batek 10 urtera arte erdaraz oso ondo hitz egiteko gaitasunik ez bazuen, gaur egun beste hizkuntzetan duten gaitasuna ere pila bat aurreratzen ari da, adibidez, ditugun kontsumoengatik; pantailetatik zurrupatzen dute umeek», azaldu du Segurolak: «Lehen, 3 urtekoen gela batean umeek ez zekiten erdaraz hitz egiten. Egun, gero eta ohikoagoa da jakitea». Etxean euskara jaso ez duten haurren euskalduntzea atzeratzen du horrek. «Lehen, euskaldun ez zen edozein oso erraz asimilatzen zen eskola horietan». Euskarak aise irabazten zuen: «Baina, gaur egun, ume gehienek dakite gaztelaniaz». Eta gero eta aiseago irabazten du hizkuntza horrek hizkuntzen arteko dema. Uemaren biltzarra, joan den martxoan. Jon Urbe/ Foku Iazko azarokoa da UEMAren ikerlanetako bat. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako errealitatera begirakoa da, 1981-2021 urteetako zentsuak aztertuz egindakoa, eta horra bertan adierazi zuten ondorio nagusietako bat: «Euskara lehen hizkuntza dutenen ehunekoa nabarmen jaitsi da azken hamarkadetan, eta bide hori ez da eten oraindik». Eta zehaztapena ere egin zuten: «Jaitsiera hori nabarmenagoa da udalerri euskaldunetan». Paradoxa betean daudela onartu du Segurolak. «Udalerri euskaldunak gero eta gehiago dira. Alegia, ezagutza %70etik gorakoa duten udalerriak gero eta gehiago dira». Mankomunitateak, hain justu, ehun udalerriren langa gainditu du aurten. «Eta gehiago izatea espero dugu, baina arnasguneak gero eta gutxiago dira; politika jakin batzuk eta neurri zehatz batzuk hartzen ez badira, gero eta gutxiago izango dira». Segurolak argi du gune horien garrantzia nabarmendu eta gizartean jakinarazi egin behar dela. «Azkenean, horiek dira guretzat erreferentzia diren udalerriak: arnasguneak. Hizkuntzaren normalizaziora begira, garrantzi berezia daukate. Noski, udalerri euskaldunek ere bai, baina arnasguneek bereziki». Birikak dira. «Zenbat eta euskaldun dentsitate handiagoa izan, gero eta gehiago erabiltzen da euskara, eta biziberritu egiten da». Solasaldi bakoitzean, herritarren artean euskaraz ernaltzen den erlazio bakoitzean: «Hizkuntza modu natural batean sortzen da». «Behaketan» oinarritutako ikerketetan ikusi dute, batez ere, euskara trinkotasuna galtzen ari dela. «Arnasguneetan beherakada egon da; orokorra da». Datuek erakusten dute, eta udalerri txikietako eskolekin-eta dituzten kontaktu jorietan ere kezka gero eta usuago agertzen dela esan du Segurolak. «Umeei, txikitatik, erdaraz hizketan entzuten diete». Neurriak Hortik UEMAren aldarria. «Aitortza bat egin behar zaie udalerri euskaldunei eta, bereziki, arnasguneei. Lege babes bat behar dute, eta babes juridikoa eman behar zaie hizkuntza politika jakin batzuei. Eta bitartekoak ere bai». Egin dira urratsak bidean. Baina udalerri euskaldunetatik eta arnasguneetatik «normalizazio prozesurako benetan indar handia» egin daitekeela sinesten bada, Segurolak argi du harago egin behar dela. «Udalez gaindiko» politikak eskatu ditu, gainera, osoak: «Zeharkakoak». Administrazioaren antolaketa zurrunean, ordea, hizkuntza politiketako sailetara mugatuta ikusten dute sarri gaia. Horregatik, beste ikuskera bat nahi dutela nabarmendu du Segurolak: «Lurralde politikak egitean, hezkuntza legeak egitean, plangintza demografikoak egitean... Esparru guztietara eraman behar da gaia. Euskara zerbitzuetatik soilik ezin dugu hau aurrera atera».
2023-8-5
https://www.berria.eus/albisteak/231411/egoera-dena-kontuan-hartuta-egun-dagoen-erabilera-maila-altua-da.htm
Gizartea
«Egoera dena kontuan hartuta, egun dagoen erabilera maila altua da»
Datuen xerka xehean, euskararen egoerari buruzko lan mardula egin du Iurrebasok. Euskararen biziberritzea hizpide, ezagutzaren ondoan erabilera urria dela esan da usu. Hautsi egin du ikuskera hori, datuekin: hiztunek, euskara erabiltzeko era badute, erabiltzen dute.
«Egoera dena kontuan hartuta, egun dagoen erabilera maila altua da». Datuen xerka xehean, euskararen egoerari buruzko lan mardula egin du Iurrebasok. Euskararen biziberritzea hizpide, ezagutzaren ondoan erabilera urria dela esan da usu. Hautsi egin du ikuskera hori, datuekin: hiztunek, euskara erabiltzeko era badute, erabiltzen dute.
Euskararen taupadak beste inon baino trinkoago entzuten diren eremu horietako batean jasoak dira hitzok, Errezilen (Gipuzkoa), hantxe baitu bizilekua Iñaki Iurrebaso soziologoak (1967, Legazpi, Gipuzkoa). Euskaraz bizitzea hain erraza eta erosoa den eremu horretan, adibide praktiko horren benetakotasunean, aiseago ulertzen dira berak hizkuntza hautuaren gainean egiten dituen gogoetak, hizkuntzaren biziberritzearen inguruan ematen dituen gakoak. Iazko abenduan defendatu zuen doktore tesian xehe-xehe daude jasota horiek guztiak. Aintzat hartu beharreko lana da: Hizkuntza gutxituen jarraipena, ordezkapena eta indarberritzea neurtzeko demolinguistikazko tresna metodologikoak garatzen. Euskal Herrirako aplikazio praktikoa. Mugarri bat jarri du soziolinguistikan: hainbat forotan aipatzen ari dira lanarekin egin duen ekarpena, irakurri ostean dakarren begirada berria. Pozik dago emaitzarekin: «Lehenago asko begiratuta eta landuta nituen hor dauden datuak; konbentzituta nengoen bazegoela datu horiei beste buelta bat ematea, irakurketa pixka bat sakonagoa edo zabalagoa egitea». Datuz jositako lana da zurea. Adjektiboak ere badira. Euskara minorizazio egoera «gorrian» dagoela behin eta berriz jarri duzu, esate baterako. Zure ustetan, berriro ozendu behar dira halako adjektiboak euskararen egoeraz jarduteko? Nik lehenengo egin dudana izan da aztertu hizkuntza gutxitu baten osasuna nolakoa den, ikusteko zer alderdiri erreparatu behar zaion, eta alderdi horietan euskara nola dagoen. Eta emaitzak nahiko argiak dira. Kaleko erabilera %12aren inguruan dago; gaitasunari erreparatuta, euskara errazago egiten duten hiztunak %7-8 dira; euskara nagusi den inguruneetan bizi diren hiztunak, %4. Horiek ikusita, horri nola deituko diogu? Minorizazio gorria berez Jon Sarasuari hartu nion: berak erabiltzen du. Nik uste dut ondo deskribatzen duela egoera. Eta beharrezkoa den? Oinak lurrean eduki behar ditugu. Aurrera egin nahi badugu, jakin behar dugu non gauden, eta hortik abiatu. Bizinahia hitza ere usu erabili duzu tesian, eta, haren ondoan, beste adjektibo bat: handia. Nabarmentzekoa da horren atzean dagoena ere, ezta? Dudarik gabe. Bi ezaugarritan laburtu beharko bagenu zein den euskararen egoera, nik bi jarriko nituzke. Bat da ahultasun handia: ahul eta zaurgarri dago hiztun komunitatea. Erabileran, gaitasunean; Euskal Herri osoa hartzen badugu, hori agerikoa da. Beste ezaugarria da bizinahi handia. Gustatuko litzaidake zenbatzea zenbat garen euskararekin obsesionatuta bizi garenak: milaka batzuk bagara. Zenbat garen Korrika pasatzen ikusita hunkitzen garenak, edo euskara gure bizitzan elementu oso garrantzitsutzat daukagunak, bai pertsonalki eta bai kolektiboki. Uste dut errealitate hori oso indartsua dela, eta milaka hiztun eta euskaltzaleren kopuru horrek ematen dio hizkuntzari esperantza izateko aukera. Gehienbat, sentimendu eta ikuspegi hori gauzatzen delako portaeretan: erabileran, haurrak hazteko orduan euskarari ematen zaion garrantzian... Hori da gure indargune garrantzitsuena. XX. mendearen lehenengo bi herenetan, oro har, hizkuntzak «galera fasea» izan zuen, eta Francoren diktaduraren azkenetan, loraldia piztu zen hizkuntza biziberritzearen inguruan; horiek ederki deskribatu dituzu tesian. Urteotan, ordea, prozesua geldotzen hasia dagoela diote datuek. Noiz hasi zen moteltzea? Dauden datu eta iturri ezberdinek ez dute irudi bateragarria ematen, erabat garbia, baina iturri denak bat datoz: 2000. urtearen bueltan, gutxi gorabehera, joera aldatzen hasi zen. Adierazle batzuetan, lehen baino polikiago hazten hasi ginen; beste batzuetan, atzeraka. Zehazki zer gertatu den azken hogei urteotan? Egun dauzkagun tresnekin ezin da zorrotz esan azken urteotan aurrera egin dugun edo atzera egin dugun. Kasurik onenean, aurrera jarraituko genuen, baina askoz ere mantsoago. Kasurik txarrenean, atzeraka hasiak izango gara. Tarte horretan gaude. Urteotan usu nabarmendu da hiztunak irabazi direla, baina erabilera, ezagutzan egon den igoerarekin alderatuta, apala izan dela. Zuk bestelako mezua eman duzu zure ikerketan: esan duzu hiztunek ez diotela bizkar eman euskarari, eta erabiltzeko aukera badute, erabiltzen dutela. Zein datutan oinarritu duzu zure baieztapen hori? Zenbakiekin eta kalkuluekin-eta luze azaldu daiteke, baina, nire ustez, garrantzitsua zera da: erabilera baloratzeko, ikusi behar da gaitasunean benetan non gauden, irudi oso bat eginez. Eta non gaude? Euskaraz dakigunak herena gara Euskal Herrian; gaztelania edo frantsesa dakigunak, ia denak. Eta euskaraz dakigunak ez gara bizi gure artean bakarrik; nahastuta bizi gara euskaraz ez dakitenekin, eta haiekin gaudenean nahitaez erdaraz egin behar dugu: hori da oinarrizko abiapuntua. Horrek ja asko mugatzen du erabiltzeko dauden aukeren multzoa. Bigarrenik, gainera, zera gertatzen da: euskaraz dakigunon artean gehiago direla erdaraz hobeto moldatzen diren hiztunak, euskaraz hobeto moldatzen direnak baino. Eta gauza jakina da: errazago moldatzen garen hizkuntza erabiltzeko joera izaten dugu. Praktikoagoa da: gure helburuak errazago lortzen ditugu. Egoera hori dena kontuan hartuta, egun dagoen erabilera maila altua da. Zehazki, zein kalkuluk eraman zaituzte ondorio horretara? Hizkuntza gaitasunaren eta erabileraren arteko harremana aztertzean, teoria soziolinguistikoak, asko laburtuz, esaten digu batetik erabilerak guztiz baldintzatzen duela gaitasuna: erabilera da hizkuntza gaitasunaren motorra. Baina, era berean, gaitasuna da erabileraren zorua, eta baldintzatzen du neurri oso estuan zer erabilera egin daitekeen. Ni elebiduna banaiz eta nire bikotekidea erdaldun elebakarra bada, nahitaez erdaraz egingo dugu. Elebiduna bada, aukeran izango dugu euskaraz egin edo erdaraz egin. Bada, bikote batean hain argi ikusten den hori beste maila batzuetan ere antzera gertatzen da: lantoki batean, kuadrilla batean, familia batean, edota, baita ere, herri batean, nazio batean. Eta hori aintzakotzat hartuta atera dituzu ondorioak. Landu ditut kalkulu batzuk hiztunen harreman sare errealak kontuan hartuta; adibidez, bikotekidea duten euskaldunen herenek bikotekide erdalduna dute. Orduan, logika horrekin, aztertuta zer harreman dauden eta harreman horien osaera, ateratzen zait gaur egun Euskal Herri osoko hartu-emanen %82 direla derrigor gaztelaniaz edo frantsesez, bertako mintzakideetakoren batek gutxienez ez dakielako euskaraz. %1 lirateke derrigor euskaraz diren harremanak: euskaldun elebakarrekin ditugun harremanak dira. Erdian geratzen zaigu %17; aukeran dauden harremanak dira: hizkuntza batean edo bestean egitekoak. Nahitaezkotasunen eta aukeren egitura hori da: gaitasunaren zoruak jartzen duen egitura itxi bat. Hori horrela izanik, euskararen erabilerak %1 baino gutxiago ezin du izan, eta %18 baino gehiago ere ezin du izan: gaur egungo gaitasunen eta harreman sareen osaketa aldatzen ez bada, ezin du izan. Inkesta Soziolinguistikoa erabili dut azterketa hau egiteko, eta, iturri horren arabera, erabilera %15ekoa da: maximotik askoz ere gertuago minimotik baino. Hortik abiatuta, eta kontuan hartuta lehen esandakoa, alegia, hiztunek errazen erabiltzen dugun hizkuntza erabiltzeko joera dugula, beste kalkulu bat ere egin dut. Zein da? Erdian daukagun %17 hori banatu dut hiztunen gaitasunaren arabera. Erdaraz errazago egiten dutenak erdara hutsean jarri ditut; euskaraz errazago egiten dutenak, euskara hutsean. Hiztunak horrela portatuko balira, erabilera %8an egongo litzateke. Esan dut: %15ean gaude. Horrek esan nahi du eroso ez sentitu arren ere erabiltzen duela sarritan jendeak euskara. Hori da. Honetan ere gizartea konplexua da. Badago euskaraz errazago egiten duten hiztunen artean itogin bat ere: erdara erabiltzeko joera bat. Izan daitezke hitzak, esaldiak, elkarrizketak... Hori ere badago. Joseba Sarrionandiak orain dela gutxi aipatu du: zer joera dugun euskaldunok erdara sartzeko ikaragarri. Gai garrantzitsua da, ikertzekoa. Hori badago; baina horren aldamenean daude, baita ere, erdaraz errazago egiten duten euskaldun pila bat, beren jardunaren parte bat, handiagoa edo txikiagoa, euskaraz egiten dutenak. Seme-alabei euskaraz egiten dieten guraso askok, adibidez, gehienek, errazago egingo lukete erdaraz seme-alabekin, eta euskaraz egiten dute. Hori lotzen da lehen esan dugunarekin: bizinahiarekin, euskaltzaletasunarekin... Datuak hor zeuden, baina kalkuluak zuk egin dituzu, eta zeresan handia eman du zure lanak. Zer-nola hartu du jendeak lanak ekarri duen ikuskera berria? Poztu nauen gauza bat zera izan da, tesia egin ondoren jende asko etorri zait esaten: «Guk hau bagenekien. Ez gaitu harritu. Ez genuen horrela formulatuta, baina bagenekien». Euskalgintzako jende dezente etorri zait. Formulatzea falta zen, beraz? Esan didate: «Bagenuen nolabaiteko susmo bat, orain arte erabiltzen ari ginen eskema horrekin zerbaitetan zuzen ez ote genbiltzan. Eta esan duzunean, bada, guk ere horixe pentsatzen dugu». Atera dituzun ondorioetan nabarmenenetarikoa da ezagutzaz aritzean hizkuntza gaitasunari ere adi erreparatu behar zaiola. Zer garrantzi du? Funtsezkoa da. Zuk egoera komunikatiboetan nahi duzu konbentzitu, luzitu, iraindu, liluratu... Eta bi tresna badituzu, hizkuntza bat eta bestea, eraginkorrago zaizun hizkuntzara jotzea oso normala da. Hortaz, funtsezko aldagaia da. Hizkuntzaren osasuna edo egoera neurtzeko alderdi funtsezkoa da gaitasuna, eta luzera begirako helburuetan arreta jarri behar zaio alderdi horri. Azken urteotan hazi da euskaraz hitz egiteko gai direnen multzoa, eta hori garrantzitsua da, eta ona da, jakina. Baina euskaraz errazago egiten dutenen multzoa ez da hazi, eta alderdi hori lehentasunen artean jartzeko modukoa da. Gaitasun eraginkor bat bilatzea: benetakoa. Edozein gairi buruz aritzeko, bereziki egoera informaletan; nik uste dut hor dagoela gaur egun hutsune handiena: lasai, erraz eta jolasti aritzeko gaitasuna izatean. Adjektibo aski indartsuak erabili dituzu tesian. Metafora boteretsu eta argigarriak ere badira. Eskailera mekanikoak erabili dituzu erdaretara heltzea zeinen erraza den azaltzeko, eta euskararako bidea, berriz, usu zeinen zaila den nabarmentzeko. Eskailera mekanikoen metaforarekin, hizkuntza bilakaeraren gaia laburbildu nahi izan dut. Lehenago erabili izan da Euskal Herrian gai hori, baina nik beste ikuspegi bat ekarri dut. Hizkuntza bilakaera da nola aldatzen garen bizitza osoan linguistikoki. Jaio naiteke etxe euskaldun batean eta gaur egun erdaraz bizi, edo alderantziz. Hor gertatzen da askotan prozesu oso indartsuak antzematen direla, sarri oharkabean pasatu izan zaizkigun prozesuak. Esaten da arraina ez dela konturatzen urez inguratuta dagoela, ezta? Antzeko zerbait da. Bada datu bat, esaterako, ikerketa osoan bakar bat deigarri bezala aipatu beharko banu, aukeratuko nukeena: etxean euskara jaso dutenen erdiek baino gehiagok, %55ek, gaur egun ja ez dute euskarazko nagusitasuna: gaur egun ja ez dute euskaraz errazago egiten, edo erdaraz egiten dute errazago, edo bi hizkuntzatan berdin. Hor dago higadura ikaragarri bat bizitzan: pertsona hori erdaldundu egin da. Aurkako norabidean ez dago ia mugimendurik. Iñaki Iurrebaso. Jon Urbe, FOKU Horri erreparatu behar zaio. Bizitzan, gero eta erdaldunagoak izatera eramaten gaituzten mugimendu indartsu batzuk daude. Jatorriz erdalduna dena euskalduntzea oztopatzen dute; jatorriz euskaldunak erdaretara eramaten dituzte. Eskailera mekanikoen metafora horrekin lotzen dut. Hiztun gehienak, hamarretik bederatzi, bizi dira erdara nagusi den zonetan; euskaraz bizi nahi badute, korrontearen kontra joan behar dute. Hain justu ere, euskarak zona bakoitzean duen indarraren arabera, eskailerek erdaretara eramateko duten abiadura ere ez delako bera. Tesian aipatzen duzun eran, hori lotuta dago eremu euskaldunenen, arnasguneen, garrantziarekin, ezta? Zona euskaldunetan eskailera mekanikoak doaz joan behar duten bezala; jartzen zara eskailera mekanikoetan, eta ahalegin handirik egin gabe euskalduntzen zara: gero eta hobeto hitz egingo duzu, eta, ikasi nahi baduzu, inguruak lagundu egingo dizu... Beste zonetan, berriz, zuk igo nahi duzu, baina eskailera goitik behera dator, eta derrigor hortik igo behar duzu: ez duzu igotzeko beste biderik. Eta indar handia egiten ez baduzu, behera zoaz. Eskaileraren abiadura berdintzen baduzu, geldirik egongo zara zauden tokian; aurrera egiteko behar duzu eskailerak berak dakarrena baino abiadura handiagoa. Arnasguneen gaia zergatik da garrantzitsua? Horregatik. Egoera zailari beste aldagai bat erantsi zaio azken urteotan. Pantailei begira ordu asko egiten dira, unibertso gero eta ugariagoa zabaldu da hor, baina erdalduna da sarri askotan. Horrek zer-nolako eragina du? Zona euskaldunenetan segur aski erdara sartzeko eta euskaltasun osoago bat ez garatzeko arrakala handienetako bat hortik etorriko da: zalantzarik gabe. Zona erdaldunagoetan ikusiko nuke gehienbat euskara sendotzeko aukera galdu bat. Pentsatzen dut, esaterako, zona erdaldunetako familia euskaldunetan: seme-alabak euskaraz hazi, eta gero etxean egindako lan hori indartu beharrean pantailen mundu horrekin, mundu hori dator kontrako eragina egitera. Elkarrizketaren hasieran esan duzu oinak lurrean izan behar direla: egoera ezagutu behar dela. Zer tresna ditu euskal demolinguistikak errealitatearen gero eta argazki doiagoak egiteko? Lehengai handia dago. Europan gehienbat hizkuntza gutxituen ikerketa nola egiten den begiratu dut, eta, alde horretatik, ondo gaude. Guk hizkuntzen erabileraren kale neurketa eta Inkesta Soziolinguistikoa dauzkagu: Euskal Herri osoan egiten dira. Adibidez, katalanek ez daukate horrelakorik. Beraz, guk lurralde osoan egiten diren bi ikerketa sendo ditugu, eta ja 30 urteko serieak ditugu horietan, Hegoaldean, zentsuak ere baditugu... Material pila bat dago, eta oraindik azterketa aukera ikaragarriak.
2023-8-4
https://www.berria.eus/albisteak/231429/inork-igo-gabeko-mendi-eta-bideetan.htm
albisteak
Inork igo gabeko mendi eta bideetan
Koldo Zubimendi erandioztarrak Karakorum mendiguneko (Pakistan) Kharut 2 (6.703 m) mendi birjina igo du, bide berri batetik, estilo erabat alpinoan. Vicente Barcena herrikidea izan du lagun espedizioan. 'Via Pollos' izena jarri diote bideari (1200 m/65 gradu/M4), halabeharrez etxean geratu behar izan duen Unai Pollos taldekidearen omenez.
Inork igo gabeko mendi eta bideetan. Koldo Zubimendi erandioztarrak Karakorum mendiguneko (Pakistan) Kharut 2 (6.703 m) mendi birjina igo du, bide berri batetik, estilo erabat alpinoan. Vicente Barcena herrikidea izan du lagun espedizioan. 'Via Pollos' izena jarri diote bideari (1200 m/65 gradu/M4), halabeharrez etxean geratu behar izan duen Unai Pollos taldekidearen omenez.
Gizakiak berezkoa du jakin-mina, harago, gorago zer dagoen jakiteko irrika, esploraziorako grina... Geratzen al da, ordea, lurralderik esploratzeko mapetan? Geratzen al da inork igo gabeko mendirik igotzeko munduko mendikateetan? Bai, geratzen da, eta ez gutxi. Andeetako mendigune ezkutuetan, Karakorumeko eztarri sakonetan, Himalaiako ibar galduetan, ehunka dira oraindik inor igo gabeko gailurrak. Mendi horietako batzuk, gainera, gailur maiztuetatik hurre samar daude. Haien itzalean. Ospel alde horietan bilatzen jakin behar, eta haietara menturatzeko gogoa izan behar. Kharut mendigunea, esaterako, ia 7.000 metroko hainbat gailurrez osatua, ezkutuan ageri da Karakorumeko mapetan, erraldoiez setiatua. K-2, Broad Peak, Gasherbrum katea... horiek dira inguru hartan jendearen begiradaren jomuga. Zortzimilakoak. Koldo Zubimendi (Erandio, Bizkaia, 1982) duela hamabi urte izan zen Karakorumen lehenbizikoz, Iker Iriondo andoaindarrarekin (Gipuzkoa) batera. Broad Peak izan zen orduko hartan bien helburua. Handik bueltan, ordea, liburu bat, begirada zolia eta jakin-mina bestelako asmo baten abiapuntu izan ziren. «K-2 eta Baltoro Mustagh mendiguneari buruzko liburu bat erosi genuen, Jan Kielkowski poloniarrarena, eta ikusi genuen K-2rekin parez pare, 10 bat kilometrora, hiru puntako mendigune bat zegoela, Kharut mendigunea, eta gailur bakarra zegoela igota: Kharut Iparra, hain zuzen. Guztietan txikiena». Irakurri zuten beste bietan ere saiakerak izan zirela, Japoniako pare bat espedizio ahaleginduak zirela, Sella Pass lepotik gora ertz bati jarraituz, baina ez zirela gailurrera iritsi. Zubimendiren barnean harra habia egina zen ordurako. «Gerora, Interneten arakatzen, eta bati eta besteari galdetzen hasi nintzen ea igo gabe jarraitzen ote zuten, eta egiaztatu nuen oraindik ere igo gabe zeudela bai Kharut 1 eta bai Kharut 2». Vicente Barcena eta Koldo Zubimendi, bi taldekideak. Koldo Zubimendi Hala, duela lau bat urte, Kharut mendigune horretara joateko espedizioa antolatzen hasi ziren. 2020an joatekoak ziren hasieran, baina pandemiak hankaz gora jarri zuen asmoa. Gerozko hiru urteotan, arestian aipatutako har hori haziz joan da, eta Kharut mendia ere ez da lekuz mugitu. Baimenak eta hegaldiak lotuta, aurtengo ekainean abiatu ziren hara Zubimendi bera eta Vicente Barcena (Erandio, 1958). Hirugarren kide bat, Unai Pollos (Bilbo, 1983), haiekin joatekoa zen, baina, hegaldia baino astebete lehenago, estreptokoko bakterioarekin gaixotu, eta joan ezinik geratu zen. «Pena handia izan zen. Azkenean Vicente eta biok bakarrik geratu ginen», azaldu du Zubimendik. Esploraziorako eta mendi birjinetan barneratzeko grina hori aspaldikoa dute Zubimendik eta Barcenak. 2009an, Erandioko beste hainbat lagunekin, Peruko Andeetan izan ziren biak, eta inork igo gabeko zazpi bosmilako igo zituzten Jatun Chacua mendilerro ezkutuan. Ez bat eta ez bi, zazpi. Oraingo honetan ere asmo hori bera zuten Kharut 2an: «Inork igo gabeko mendi bat igotzea eta bide berri batetik saiatzea, ez aurreko saiakerak izan ziren bideetatik». Islamabad, Skardu eta Askole atzean utzi ondoren, Baltoroko trekkingari jarraituz barneratu ziren Karakorumen. Munduan den trekking ederrenetako bat da Baltorokoa, Trangoko Dorreak, Muztagh Tower, Uli Biaho... inon diren zutarririk ederrenak ezker-eskuin. Halaxe heldu ziren K-2 zortzimilakoaren kanpaleku nagusira. Zubimendik azaldutakoaren arabera, jendetza zegoen aurten ere K-2ren altzoan, denak munduko bigarren gailurrik altuena igotzeko asmoarekin, bezero asko nor bere xerparekin... «Guk ere han ezarri genuen gure denda nagusia, eta handik abiatuta advanced base camp (ABC) edo kanpaleku nagusi aurreratu bat Kharut mendigunearen azpian, 5.500 metro inguruan». Bi kanpalekuen artean, ordea, glaziar erabat arrakalatu bat gainditu behar zuten, harkaitz eta izotzezko labirinto kaotiko bat, arriskutsu samarra. «Behin baino gehiagotan erori ginen arrakaletan Vicente eta biok. Artesi asko elurrez estalita zeuden, eta une oro bastoiekin haztatzen joan behar izan genuen. Lehen egunean zortzi ordu eta erdi behar izan genituen ABCra iristeko. Lan nekagarria eta tentsio handikoa izan zen». Lehen egun hartan, denda, gasa eta jatekoa eraman zituzten ABCra, eta bigarren bidaian, gainerako material guztia. Mendebaldeko aurpegitik eta ertzetik Uztailak 17 zituen. Kanpaleku nagusi aurreratu hartan lo egin, eta biharamunean goizean goiz abiatu ziren Zubimendi eta Barcena Kharut mendiaren mendebaldeko aurpegirantz. Horma haren mendebaldeko ertzari eman zioten begia, ertzari jarraituz bide berri bat zabaltzeko. Behetik, elurra eta harkaitza ikusten ziren batez ere, eta, izotzezko torloju pare bat izan ezik, gainerako guztia elur eta harkaitzerako materiala hartu zuten. «Goizeko 4:00ak baino lehen hasi ginen oinez. Mendebaldeko hormari nik ekin nion sokaren buruan. Lehen maldak 40 gradu ingurukoak izango ziren, eta jada aldapa horietan Vicentek ez zuen ondo ikusi bere burua. Desnibeleko 100 bat metro eginak genituenean, esan zidan behera egingo zuela, nahiago zuela igoera ez baldintzatu». Barcenarentzat gogorra izan zen Pirinioetan eta Europako Mendietan hainbeste denbora prestatzen aritu ondoren helburuari uko egin behar izatea. Eta Zubimendirentzat ere une zaila izan zen halako konpromisoko igoera baten aurrean, goran zer aurkituko zuen jakin gabe, lagunari agur esatea. Elkar besarkatu, eta nork bere bidea hartu zuen. Handik gorakoa, Kharut mendiaren eta Koldo Zubimendiren arteko hartu-eman intimo bat izan zen. Hitzordu zirraragarri bat ezezagun batekin, maite jolas bat, halako hitzordu itsuek izan ohi duten arrisku eta emozio dosiarekin. «Malda pixkanaka bertikalago jartzen joan zen, 60 gradu inguru edo. Mendebaldeko ertzak bitan banatzen du aurpegia, iparra alde batera eta hegoa bestera. Bideari ertzaren hegoaldetik eman genion hasiera, eta, ondoren, jada ni bakarrik, iparrera pasatu nintzen. Ipar aurpegi horretan, malda tenteagoa zen (65 gradu), eta arroka gehiago azaleratzen ziren. Mistoan eskalatu nuen zati hori. Ondoren, elur malda bat etorri zen, 60 gradu ingurukoa. Aztarna ireki behar zen, baina elurra baldintza onetan zegoen». Segidan, erlaitz batzuei egin behar izan zien aurre Zubimendik, eta, horiek gaindituta, goi lautada moduko batera heldu zen. Zati hori haizeak jota zegoen, eta plakak apurtzeko eta elur jausiak sortzeko arrisku handia zegoen. Urrats bakoitzeko, bun, haize plakek hedatzen duten soinu beldurgarri hori sumatzen zuen alpinista erandioztarrak. «Kontu handiz joan nintzen tarte horretan. Gora egin ahala, malda handitzen zihoan, eta elurra txarra zen oraindik ere. Ondorioz, ipar aurpegitik eskuinerantz, hegoalderantz egin nuen, berriro ertza hartzeko. Gero, are hegoalderago jo behar izan nuen, eta hor egin behar izan nituen eskaladako pausurik teknikoenak. M4 hor nonbait. 6.500 metro parean izango nintzen orduan; arratsaldeko lehen ordua zen». Arinago joateko, motxila zulo batean utzi zuen, eta motxilarekin batera denda, gasa, zakua... «Une hartan pentsatu nuen gai izan nintekeela tontorra jo, motxila berreskuratu, eta ABCraino jaisteko. Baina bai zera!». Motxila utzitako lekutik gora, berriro mendebaldeko ertzari heldu zion. «Zati horretan, hainbat jendarme gainditu behar izan nituen, batzuk goitik zuzenean, beste batzuk ezkerraldetik, elurretan, eta beste batzuk eskuinaldetik, arrokan. Pasarte nahiko teknikoak. Behin zati hori gaindituta, lasaitu egin nintzen. Handik gorakoak ere ertz bati jarraitzen zion, baina elurretan». Azken ezustekoa gailurraldean Begien bistan zuen gailurraldeko zilindroa. Ertzetik iparrerantz zeharkaldi bat egin, eta gorako bideari heldu zion. «Une batean, ordea, ez gora, ez behera geratu nintzen: elurra oso ustela zegoen goiko partean, eta ez pioletek eta ez kranpoiek ez zioten batere eusten. Pare bat ordu pasatu behar izan nituen pioletarekin elur ustel hori garbitzen, izotza edo arroka topatu arte, eta hor pioletekin kolpea jo, kranpoiak iltzatu, eta gora. Izotzean eta mistoan eskalatu nuen zati hori». Kharut 2ko hitzorduak, ordea, azken ezusteko bat gorde zuen Zubimendirentzat: gailurreko zilindroaren azpian, hamar bat metroko horma tente bat; maitaleari jarritako azken proba. «Ezkerrera ez zegoen modurik, eta artez saiatu nintzen, eskularruak kenduta, baina bi erregleta apurtu zitzaizkidan. Hura ere ez zen modua. Orduan, eskuman, kanal moduko bat ikusi nuen, elur ustelarekin, eta handik jo nuen, bloke batera arte». Tontorretik 2 metro eskasera geratu zen. Hala azaldu du Zubimendik azken aztarrika hura: «Zinta bat bloketik pasatu, zinta horri beste bat lotu, arnesera aseguratu, eta elurra garbituz pioletarekin tontorra jotzera iritsi nintzen. Artifizialean egin nuen azkeneko pausu hori, ezkerreko eskuarekin kordinoari eusten eta eskuinekoarekin pioleta arrokan bermatuta, oinetan amildegia nuela. Halaxe, burua gailurretik metro erdira edo agertu, eta amaitutzat eman nuen bidea». Ezin izan zuen tontorra oinekin zapaldu, baina bere artean pentsatu zuen ataka zail hartan pozik egoteko moduan zela. Zergatik, gainera, oinekin zapaldu, mendiaren burua ia-ia eskuekin laztandu badezakezu. Zapaldu aditz zantarra da mendian. Hartara, gainera, bien arteko maite jolasean, batek esan dezake ia musu ematera iritsi zela, eta besteak ere baietz, baina ez zuela erabat konkistatu. Zubimendiren erlojuak zehatz-mehatz 6.703 metro markatzen zituen, eta ez mapetan ageri diren 6.824 metroak. Jaitsiera guztia geratzen zitzaion artean, ordea, eta ez zen maite jolasetarako tenorea. «Arratsaldeko 18:30ak ziren ordurako. Paretari begira hasi nintzen egindako bidea desegiten. Kontu handiz, goranzkoan arriskutsu samarrak iruditu zitzaizkidan zenbait pasarte saihestuz». Elurrak ezegonkor jarraitzen zuen, baina Kharut, esan dugu lehen, K-2ren itzalean dago, eta, arratsaldeak aurrera egin ahala eta eguzkia K-2ren gibelean ezkutatu ahala, munduko bigarren gailurrik altuenaren itzala behetik gora hedatuz joan zen Kharuteko horman, eta itzalak miraria obratu zuen: elurra berehala hasi zen gogortzen, eta horrek dezente erraztu zuen jaitsiera egunaren hondarreko orduetan. «Kontrara, eskularruak erabat izoztuta geratu zitzaizkidan, eta bi zauri egin zizkidaten hatz potoloan. Gainera, 10-20 metrotik behin gelditu egin behar izaten nuen eskuak eta besoak mugitzeko eta berotan sartzeko». Bibaka, ia begirik bildu gabe Gauez iritsi zen motxila eta zakua utziak zituen tokira. Erabat hoztuta. Botak kendu, eta zakuan sartu zen, zakua dendaren barnean sartuta baina denda muntatu gabe. «Ez nuen afaldu, aurrez urtutako ur litro bat besterik ez nuen edan. Gauean, gainera, ekaitza sartu zen, elurra, haizea… Orduak luze egin zitzaizkidan. Kuluxka bat egin, esnatu, begiratu kanpora, ostera ere lokartu… Horrela egunsentira arte». Goizean, lainoa izan arren, tentu handiz eta arazorik gabe jaitsi zen Zubimendi ABCra arte. «Vicentek urrunera ikusi ninduen, eta glaziarrean sokarekin laguntzera hurbildu zitzaidan. Sekulako besarkada eman genion elkarri, eta ondoren esan nion: ‘Vicente, egin dut’. Poz handia izan zen biontzat». Biharamunean, K-2ko kanpaleku nagusian jende askoren zorion mezuak jaso zituzten. Haiek iristerako iritsia zen albistea. Etxekoei deitu zieten lehenbizi, lasaitzeko eta albistea emateko. Eta, hurrena, halabeharrez etxean geratu zen hirugarren taldekideari, Unai Pollosi. «Jakinarazi genion igo genuela mendia eta haren izena jarriko geniola bideari. Une hunkigarria izan zen. Esango nuke espedizio hunkigarria izan dela denontzat; Vicenterekin maiz aipatu dut negar gehien egin dugun espedizioa izan dela, zalantza barik».
2023-8-3
https://www.berria.eus/albisteak/231430/ainhoa-barbarin-presoari-hirugarren-gradua-kendu-diote.htm
Politika
Ainhoa Barbarin presoari hirugarren gradua kendu diote
Sare Herritarrak elkarretaratzera deitu du biharko, abuztuak 4, Urretxun. Salatuko dute epaitegiak «boikot» egiten ari direla euskal presoen eskubideei.
Ainhoa Barbarin presoari hirugarren gradua kendu diote. Sare Herritarrak elkarretaratzera deitu du biharko, abuztuak 4, Urretxun. Salatuko dute epaitegiak «boikot» egiten ari direla euskal presoen eskubideei.
Ainhoa Barbarin Urretxuko (Gipuzkoa) presoari joan den ostegunean onartu zioten hirugarren gradua, baina Espainiako Estatuko Fiskaltzak helegitea aurkeztu dio erabaki horri, eta, Espetxe Zaintzako Epaitegiak erabaki bat hartu bitartean, espetxera itzuli beharko du. Sare Herritarrak salatu du fiskalak «beste behin ere» euskal presoek hasitako bidea «oztopatu» duela. Taldeak gogora ekarri du Barbarinek bi aldiz eskuratu duela hirugarren gradua, eta bi aldietan eten egin diotela «legeak dioen bideari jarraituz birgizarteratzea fasean aurrera egiteko aukera». 2022ko urrian eman zioten hirugarren gradua lehen aldiz, eta Espainiako Auzitegi Nazionalak joan den otsailean kendu zion hirugarren gradua lehen aldiz. Fiskaltzak eta Espainiako Auzitegi Nazionalak «elkarbizitza zangotrabatzen» jarraitzen dute, Sareren hitzetan: «Legeak ez du inolaz ere esaten zigorrak espetxeko hormen artean bete behar direnik azken egunera arte». Euskal presoak etxeratzeko urratsak egitea «eskakizun demokratiko bat» da, haren arabera, eta «salbuespenezko auzitegiek ez lukete behin eta berriz boikotatu beharko». 21 urte dira Barbarin preso dagoela, zigorraren bi herenak beteak ditu, eta, beraz, Sareren esanetan, «baldintza guztiak betetzen ditu hirugarren graduan egoteko». Fiskaltzaren erabakiagatik protesta egiteko, elkarretaratzea egingo dute bihar, ostirala, 20:00etan, Urretxuko Potros plazan.
2023-8-9
https://www.berria.eus/albisteak/231431/errepidean-barrena-abortua-helmuga.htm
Mundua
Errepidean barrena, abortua helmuga
Auzitegi Gorenak konstituziotik kendu zuen, iaz, abortatzeko eskubidea; ordutik, hamabost estatutan debekatu dute haurdunaldia etetea. Horren ondorioz, orain, milaka emakumek ehunka kilometro egin behar dituzte abortatzeko.
Errepidean barrena, abortua helmuga. Auzitegi Gorenak konstituziotik kendu zuen, iaz, abortatzeko eskubidea; ordutik, hamabost estatutan debekatu dute haurdunaldia etetea. Horren ondorioz, orain, milaka emakumek ehunka kilometro egin behar dituzte abortatzeko.
Erritmoa ez da bera munduko txoko guztietan; patxadaz bizi dira batzuk, eta korrika besteak. Erritmoa nola, hala aldrebesten da denbora lekutik lekura; aurrera egiten du toki batzuetan, eta atzera, besteetan. Horixe gertatu da AEB Ameriketako Estatu Batuetan. Herrialde gehienetan abortatzeko eskubideen aldeko neurriak hartzen ari diren honetan, AEBetako Auzitegi Gorenak atzera bota zuen, iaz, haurdunaldia eteteko eskubide federala aitortzen zuen Roe v Wade erabakia. Auzitegiak 1973an gehitu zuten konstituzioan haurdunaldia eteteko eskubidea; ordutik, milioika emakumeren ugaltze eskubideak babestu ditu ia 50 urtez, harik eta 2022ko ekainean atzera bota zuten arte. Orain, AEBetako estatu bakoitzaren esku dago abortua legeztatu edo ez erabakitzea, eta dagoeneko debekatu egin dute hamabost estatutan. Esaterako, haurdunaldia etetea delitu da Idahon, Texasen, Wisconsinen eta Alabaman, baita bortxaketa eta intzestu kasuetan ere. Beste estatu batzuetan, berriz, abortatu ahal izateko epeak murriztu dituzte; adibidez, Floridan —sei asteko epea ezarri dute—. Ia estatu horiek guztiak hegoaldean daude, eta errepublikanoak dira; hortaz, haietan indar handia dute abortuaren aurkako elkarteek eta taldeek. Abortatzeko eskubidea AEBetan Halere, «AEBetan abortua beti egon da ezbaian». Horixe adierazi du Pro Choice Washington elkarteko buru Kia Guarinok. Roe v Wade onartu eta gutxira sortu zuten elkartea, 1976. urtean: «Hasieratik oso argi zegoen legea bertan behera uzteko saiakerak izango zirela. Urte hauetan guztietan abortatzeko eskubidea oso mugatuta egon da zenbait estatutan, nahiz eta orduan lege federalak babesten zuen. Etenik gabeko lana da». Errepidean gora Hamabost estatutan ezarritako debekuak, ordea, abortuak eten ez, eta bidaia luze eta arriskutsuak egitera behartzen ditu milioika emakume. Esaterako, New Orleansen (Louisiana) bizi den eta haurdunaldia eten nahi duen emakume batek 460 kilometro inguru egin behar ditu gertuen dagoen abortatzeko klinikara iristeko; hau da, bederatzi orduko bidaia autoan. Txinaren atzetik, munduko herrialderik handienetan laugarrena dira AEBak. Hortaz, kilometro asko egon daitezke estatu batetik bestera, eta abortua debekatuta dagoen estatu batean bizi diren emakumeek egunak behar izaten dituzte abortatzeko klinikara joan, haurdunaldia eten eta itzulerako bidea egiteko. Horiek hala, joan-etorria, egun horietako otorduak eta lo egiteko tokia ere ordaindu behar dituzte. Guarinoren arabera, hori da milioika emakumeren erronkarik handienetako bat: «Hala ere, herrialdeko eremuari bainoago, herrialdeko osasun sistemari atxiki behar zaion arazoa da». Izan ere, abortatzeko pilula baten kostua 800 dolarreraino irits daiteke (726,9 euro). Kirurgia bidezko abortua, berriz, garestitu egiten da haurdunaldiak aurrera egin ahala: lehen hiruhilekoan egindako kirurgia batek 800 dolar inguru balio ditu; hamahiru eta hamasei asteen bitartean egiten denak, berriz, 850 eta 1.600 dolar artean (772,3-1.453,7 euro); eta hamazazpigarren astetik aurrera, 2.000 dolar inguru (1.817,2 euro). Helmugako estatuetako abortatzeko klinikei ere zuzenean eragiten die auzitegi gorenaren erabakiak. Epe laburrean nabarmen egin dute gora abortatzea posible den estatuetako kliniken eskariek: «Klinika horietako asko beren egoitzak handitzen ari dira, edo berriro ireki dituzte itxiak zituzten lokalak. Baina, hala ere, oso itxaron zerrenda luzeak dituzte». Pazienteen gorakada horiek bereziki nabarmenak izan dira hegoaldeko estatuekin muga egiten duten estatuetan, hala nola Illinoisen eta Mexiko Berrian. Auzi politiko bat Alderdi Errepublikanoaren eta Demokrataren agenda politikoaren puntu nagusietako bat da abortua. Baina, Guarinoren hitzetan, ez da beti horrela izan. «[Donald] Trump [2017an] presidente izatera iritsi baino lehen, talde katolikoen botoak lortzeko eta mugimendu feministaren aurka egiteko tresna bat besterik ez zen abortua alderdi errepublikanoarentzat». Gogoan du Roe v Wade lege federala baliogabetu, eta abortatzeko eskubidea konstituziotik at gelditu zen eguna, eta bera ez zen izan erabakia sorpresaz —eta amorruz— bizi izan zuen bakarra: «Alderdi Errepublikanoko lider batzuk ere harritu egin ziren auzitegi gorenak haurdunaldia eteteko eskubide konstituzionala atzera bota zuenean. Izan ere, haientzat, botoak lortzeko bide azkar bat baino ez zen, ez zuten abortua debekatzeko egiazko desirarik». Ordutik, ordea, abortuaren auziak pisu handia du paisaia politikoan. Horregatik, emakumeen ugaltze eskubideak defendatzen dituzten politikarien aldeko kanpainak bultzatzen ditu Pro Choice Washingtonek. «Elkartearen helburua Washington aurrerakoiago bihurtzea da. Ez bakarrik estatuan, baita probintzia, hiri eta herrietan ere». Izan ere, zera jo du ezinbestekotzat: «Emakumeen ugaltze eskubideen aldeko neurriak eta babesa bermatzeko, erabakiguneetan abortuaren aldeko politikariak behar dira». Hori bai, horrek ez du esan nahi babesten dituzten guztiak demokratak direnik, alderdi horretan denak «ez baitira zertan» abortuaren aldekoak. Ahoz gora esan ezin dena Zenbaki adina emakume dago munduan, eta horietako bakoitzak arrazoi bat edo beste izan dezake haurdunaldia eten nahi izateko. Horrenbestez, ez da erraza abortatzen duten emakumeen ezaugarriak hitz gutxitan biltzea. «Oso zabala da abortatzen duten emakumeen profila. Batzuek haurrak dituzte dagoeneko, beste batzuek ez dute haur bakar bat hezteko nahikoa baliabiderik». Milioika emakumek eteten dute haurdunaldia egunero munduko bazter guztietan. Eta, halere, kosta egiten da abortuaren inguruan hitz egitea: «Gizarteak egonezina, nazka eta higuina lotu ditu abortatzen duten emakumeekin. Hamaika estereotipo daude abortuaren inguruan». Geroari ikusmiraz begiratzen dio Guarinok, baina izu da: «Gero eta emakume gehiago ari dira hiltzen AEBetako abortu politiken ondorioz. Eta uste dut herritarrak oraintxe hasi direla horrekin ohartzen. Lan handia dugu aurretik».
2023-8-3
https://www.berria.eus/albisteak/231432/labak-terraza-jartzeko-baimena-eskuratu-du.htm
Gizartea
Labak terraza jartzeko baimena eskuratu du
Toki Administrazioko Zuzendaritzak ebazpen batean onartu die eskubidea, Iruñeko Udalak ukatu ziena, eta ahal bezain pronto terraza jartzeko asmoa dute.
Labak terraza jartzeko baimena eskuratu du. Toki Administrazioko Zuzendaritzak ebazpen batean onartu die eskubidea, Iruñeko Udalak ukatu ziena, eta ahal bezain pronto terraza jartzeko asmoa dute.
Laba sareak jakinarazi du eskuratu duela baimena terraza jartzeko lokalaren aitzinean, Gazteluko plazan. Urte eta erdi pasatxoko eskari, helegite eta luzapenen ostean, Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Zuzendaritzak eskubidea aitortu dio elkarteari, eta jakinarazi dute horretarako «tasak ordaindu bezain pronto» izango dutela terraza muntatzeko aukera, udaltzain batek ebazpena ematerakoan jakinarazi dienez. Iruñean euskarari eta euskal kulturari beste espazio bat emateko eta zabaltzeko sortu zuten Laba, duela bi urte. 2022ko urtarrilean areto bat zabaldu zuen Gazteluko plazan, eta ireki eta berehala eskatu zioten udalari terraza muntatzeko baimena. Udalak atzera bota zuen eskaria, eta Labak auzitegira eraman zuen kasua. 2022ko urriaren 10ean Nafarroako Administrazio Auzitegiak Labaren eskaria onetsi zuen. Udalak ez zuela sententzia betetzen ikusita, Nafarroako Gobernuari sententzia betearazteko galdegin zion auzitegiak aurtengo martxoan. Bide horren azken urratsa egin du gobernuak abuztuaren 1ean, ebazpen bat argitaratuta, eta terraza jartzeko eskubidea aitortu dio elkarteari ebazpen horretan. Labako kideek jakinarazi dutenez, udalak berak, Laba elkarteak eta Labaren aldamenean dauden La Perla hotelak eta Windsor ostatuak ere jaso dute ebazpen hori, eta bete egin beharko dute. Windsor ostatua Labaren ondo-ondoan dago, eta badu terraza bat Gazteluko plazan, Labaren ataria ere hartzen duena. «Gaur goizean, Windsor ostatuak ez ditu bere mahaiak eta aulkiak gure terrazatik kendu», azaldu du Laba sareak ohar baten bidez, «eta afera hau zertxobait luza daitekeela aurreikusten dugu. Nolanahi ere, gure eskubidea da, eta terraza ahalik eta agudoen muntatuko dugu, euskaldun guztiei beste eremu bat eskaintzeko». Terrazaren auzian katramilatuta urte eta erdi baino gehiago igaro izana deitoratu dute —«Iruñeko Udalaren erabaki arbitrario batengatik»—, baina kontent agertu dira, halere. Udalari aurpegiratu diote «iruindar guztien baliabideak» erabili izana prozesu judiziala ahalik eta gehien luzatzeko. «Lanean jarraituko dugu euskaldun orori euskaraz bizitzeko leku goxo bat eskaintzeko, eta euskal kultur programazio ahalik eta txukunena emateko. Laba ezkutatu dute, baina inoiz baino gehiago ikusiko gaituzte orain», adierazi dute.
2023-8-3
https://www.berria.eus/albisteak/231433/alerta-egoeran-dago-hego-euskal-herria-denboraleagatik.htm
Gizartea
Alerta egoeran dago Hego Euskal Herria denboraleagatik
'Patricia' depresioak lau metroko olatuak eta euriteak ekarriko ditu Hego Euskal Herrira. Gaur aktibatu dute alerta laranja Bizkaian eta Gipuzkoan eta egunean zehar alerta horia izatera pasa daiteke.
Alerta egoeran dago Hego Euskal Herria denboraleagatik. 'Patricia' depresioak lau metroko olatuak eta euriteak ekarriko ditu Hego Euskal Herrira. Gaur aktibatu dute alerta laranja Bizkaian eta Gipuzkoan eta egunean zehar alerta horia izatera pasa daiteke.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta laranja ezarri du nabigaziorako Euskal Herriko kostaldean, olatu eta haize bolada bortitzengatik. Atzo gauean ezarri zuten, lau metrotara iritsi daitezkeen olatuengatik. Nabigaziorako kostaldetik bi milatara jarri dute alerta, itsaso oso zakarra egongo delako. Bizkaian, Gipuzkoan eta Lapurdin ezarri dute alerta laranja, gaur 15:00etan alerta horia izatera pasatzea espero da. Denboraleak euriteak ere ekarriko ditu: abisu horia jarri dute gaur eta biharko Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldean, eta Nafarroa iparraldean. Bizkaian eta Gipuzkoan hamabi orduan 40 litro bota ditzake. Nafarroan, berriz, Aemet agentziak iragarri du, ordu batean hamabost milimetro pila daitezkeela eta hamabi ordutan 40 milimetro. Fenomeno bortitz horiengatik neurriak hartu behar izan dituzte toki batzuetan. Donostiako Udalak, adibidez, asteazkenean Santa Klara irla itxi zuen. Bihar arte egongo da itxita, eta irlaren toki batzuetan, egurrezko oholak jarri dituzte olatuei aurre egiteko. Paseo berria ere ostiralera bitarte itxi egin dute autoentzat; oinezkoentzat irekita dago, baina adi ibiltzeko ohartarazi dute udaletik.
2023-8-3
https://www.berria.eus/albisteak/231434/hiru-pertsona-hil-dira-itota-uztailean.htm
Gizartea
Hiru pertsona hil dira itota uztailean
Guztira, bederatzi pertsona ito dira aurten uretan Euskal Herrian.
Hiru pertsona hil dira itota uztailean. Guztira, bederatzi pertsona ito dira aurten uretan Euskal Herrian.
Hiru pertsonak galdu dute bizia itota uztailean Bizkaiko uretan. Aurreko hilabeteetako heriotzak gehituta, bederatzi biktima izan dira guztira Euskal Herrian, adingabeak tartean. Uztailean erregistratu diren hiru itotzeak hilaren hasieran gertatu ziren: hilaren 1ean, bi pertsona hil ziren Muskizko Arena hondartzan, eta hilaren 2an, beste bat Abadiñon, urtegi batera erorita.
2023-8-3
https://www.berria.eus/albisteak/231435/nigerko-junta-militarreko-buruak-ez-du-mehatxurik-onartuko.htm
Mundua
Nigerko junta militarreko buruak ez du «mehatxurik» onartuko
Tchiani jeneralak atzerriko esku hartze posibleetatik «nazioa defendatzera» deitu ditu herritarrak
Nigerko junta militarreko buruak ez du «mehatxurik» onartuko. Tchiani jeneralak atzerriko esku hartze posibleetatik «nazioa defendatzera» deitu ditu herritarrak
Nigerko junta militarraren buruak ohartarazi du gatazka areagotu egingo dela baldin eta herrialdean atzerriko indarrek esku hartzen badute. Abdourahmane Tchiani jeneralak herritarrei eskatu die prest egon daitezela «nazioa defendatzeko». Telebista bidezko hitzaldi bat eman zuen atzo gauean buruzagi kolpistak. Militarrek estatu kolpea eman zutenetik egin duten adierazpen publiko urrietako bat izan zen. Tchianiren esanetan, boterea hartu duen junta militarrak trantsizio baketsu baterako baldintzak sortuko ditu, eta hauteskundeetara deituko du, «epe labur eta arrazoizko batean». Hamar urtez Presidentetzaren Guardiako buru izandakoak —joan den astean kargugabetu behar zuten— eta haren taldeko militarrek Mohamed Bazoum presidentea kendu zuten agintetik, uztailaren 26an, «segurtasuna okertu» zela argudio hartuta. Harrezkeroztik, Bazoum inguratuta daukate, presidentearen egoitzan. Juntako buruak mezua zabaldu du, hain justu, Ecowas Afrika Mendebaldeko Estatuen Ekonomia Erkidegoa bilkura bat egiten ari den honetan, Nigerko egoera aztertzeko. Goi bilera atzo hasi zuten, Nigerian, eta bihar amaituko dute. Blokeko estatu kideek mehatxu egin zuten militarki esku hartuko dutela kolpistek Bazoum aske uzten ez badute datorren igandea baino lehen. Nigerko juntak «ez dio inolako mehatxuri amore emango», Tchianik adierazi duenez. Haren iritziz, Ecowasen helburua Niger «beheratzea» da, eta leporatu dio herrialdearen subiranotasuna ez errespetatzea. «Estatuburu batzuk gure azpieskualdeko erakunde komunitarioak erabiltzen ari dira beren eta lobbyen helburuetarako». Ecowaseko auzi politikoetarako arduradun Abdel-Fatau Musahek azaldu du Abujako bilkuraren helburua dela erabakitzea «nola negoziatu Nigerko bahiketa egoeraren buruzagiekin». Militarki esku hartzeko aukerari buruz, Musahek atzo argitu zuen «mahai gainean dagoen azken baliabidea» dela, baina «prestatu» beharra dagoela horretarako ere. Hori ikusirik, Malik eta Burkina Fasok gogor erantzun zuten, adierazita «gerra deklarazio baten parekoa» litzatekeela. Tchianik bi estatu horietako agintari militarren babesa du. Niger junta militar baten gidaritzapean dagoen Afrika mendebaldeko laugarren herrialdea da, Malirekin, Gineako Errepublikarekin eta Burkina Fasorekin batera. Juntako ordezkaritza batek Malira bidaiatu zuen atzo, hango junta militarreko agintariekin biltzeko. Handik Burkina Fasora joan zen ondoren, gaur hango buruzagi militarrekin elkartzeko. Bestalde, Ecowasek zigor ekonomikoak ezarri zizkion Nigerri, joan den asteburuan. Besteak beste, eten egin dituzte herrialdearekin zituzten energia salerosketak. Neurria presio handikoa da Nigerrentzat, kontsumitzen duen energiaren %90 eskuratzen baitu Nigeriatik, Energia Berriztagarriaren Nazioarteko Agentziaren arabera. Erabakiak argindar etenak eragin ditu Nigerko zenbait hiritan. Tchianik salatu du bere agintearen kontra daudenen jarrera «erradikalak» ez diola ekarpenik egiten egoerari, eta legez kanpokotzat eta gizagabetzat jo ditu Ecowasek herrialdeari ezarri dizkion zigor ekonomikoak. Junta militarrari babesa adieraztera irten dira milaka herritar kalera gaur eguerdian, Niamei hiriburuan, Niger Frantziatik independizatu zeneko 63. urteurrenean. Mobilizaziora M62 taldeak deitu du. Frantziako indarren kanporatzea da haren aldarri nagusietako bat. Manifestariek Frantziaren eta Ecowasen aurkako leloak oihukatu dituzte, eta Errusiaren aldekoak. Joan den igandean, manifestari talde batzuek eraso egin zioten Frantziako enbaxadari, eta kalte materialak eragin zituzten eraikinaren kanpoaldean. Militarrek kolpea eman zutenean, indargabetutzat jo zuten konstituzioa, estatuko erakunde guztiak eten zituzten, eta itxi egin zituzten herrialdeko mugak. Juntak berriz ireki ditu Nigerrek zenbait herrialde mugakiderekin dituen bideak. Aljeriarekin, Burkina Fasorekin, Libiarekin, Malirekin eta Txadekin dituen mugak zabalik daude atzotik; aldiz, itxita jarraitzen dute Beninekin eta Nigeriarekin dituenek. AEBak, kolpisten aurka Nigerko egoerari buruz mintzatu da gaur AEBetako presidente Joe Biden, eta Bazoum presidentea «berehala» aske uztea galdegin dio junta militarrari. Halaber, herrialdean «demokrazia» babestera deitu du. «Nigerko herriak eskubidea du bere agintariak aukeratzeko. Hauteskunde aske eta justu batzuen aldeko borondatea agertu du, eta hori errespetatu egin behar da. Balio demokratikoen eta ordena konstituzionalaren defentsa funtsezkoak dira Nigerren eta AEBen arteko elkarlanerako». Presidenteak adierazpen horiek egin baino ordu batzuk lehenago, Etxe Zuriak agindu du AEBen Nigerko enbaxadako langileak herrialdetik ateratzeko, oinarrizko langileak salbu. Antzera, beraien herritarrak Nigertik ateratzeko operazioak iragarri dituzte Erresuma Batuak, Italiak, Espainiak eta Frantziak ere. Frantziak, hain zuzen, Nigerrekin zituen elkarlanerako akordio guztiak eten dituela iragarri zuen atzo. Parisek azaldu zuenez, herrialdeko «agintari demokratikoekin» egindako hitzarmenak bertan behera utziko ditu lider horiek boterera itzuli arte. Etendako akordioak garapen ekonomikoaren, finantza laguntzen eta defentsaren arlokoak dira. Frantziak 1.500 soldadu ditu Nigerren, talde armatu jihadisten aurkako operazioetarako. AEBek 1.100 soldadu dituzte, eta Alemaniak eta Italiak ere tropak dituzte herrialde hartan.
2023-8-3
https://www.berria.eus/albisteak/231436/industria-ekoizpena-hoztu-egin-da.htm
Ekonomia
Industria ekoizpena hoztu egin da
Energia enpresek %9,4 murriztu dute jarduna urtea hasi zenetik. Lurraldeka, Arabak eta Bizkaiak Gipuzkoak baino hobeto eutsi diote, Eustaten datuen arabera.
Industria ekoizpena hoztu egin da. Energia enpresek %9,4 murriztu dute jarduna urtea hasi zenetik. Lurraldeka, Arabak eta Bizkaiak Gipuzkoak baino hobeto eutsi diote, Eustaten datuen arabera.
Industria beldurtuta dago. Edo mesfidati. Maileguen interes altuek ez dute laguntzen enpresek kredituak eskuratzeko, eta horrek dezelerazio txiki bat eragin du. Horren erakusgarri da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan produkzioa murriztu izana. Ekainean, aurreko urteko hil berean baino %2,1 txikiagoa izan da, batez ere energia ekoizpenaren jaitsieragatik: %11,3 gutxiago ekoitzi da. Sektore horretan sartzen dira energia elektrikoaren ekoizpena eta hornidura, eta petrolioaren finketa. Lurraldeka, Gipuzkoan jaitsi da gehien industria produkzioa, %3,4, eta Araban eta Bizkaian %1,3ko jaitsiera izan dute, Eustat Euskal Estatistika Erakundeak ostegun honetan zabaldutako datuen arabera. Energia sektorearekin batera, produktu metalikoen, kimikoen, kautxuzkoen eta plastikozkoen produkzioa ere murriztu egin da: iazko ekainean baino %2,3 gutxiago. Eta produkzioa gehien murriztu duen sektorea kontsumo ondasun iraunkorrena izan da, altzarien eta etxeko tresnen fabrikazioarena: %15,6 gutxiago. Ekipo ondasunen sektorea —autogintza, trenak, aeronautika eta ontzigintza—, berriz, egonkor mantendu da. Euskal industriako pisurik handieneko sektoreen artean, hazkundea izan duten bakarrak garraio materialena (% 8,2) eta elikagaien, edarien eta tabakoaren industriak (%4,7) izan dira. Kontsumo ondasunen produkzioak ere gora egin du: %2,2. Hazkunde hori kontsumo ondasun ez-iraunkorren hazkundeak eragin du bereziki —%6,7ko igoera—: alor horretan sartzen dira elikagaiak prozesatzeko eta kontserbatzeko jarduerak, garbiketarako eta higienerako produktuen fabrikazioa, farmazia produktuak eta jantziak. Energia gutxiago aurten Urteko lehenengo sei hilabeteetan, industria produkzioaren indizea %0,2 igo da, batez ere bi sektorek bultzatuta: ekipo ondasunak (%2,5eko hazkundea) eta kontsumo ondasunak (% 2,2ko hazkundea). Bitarteko ondasunek ere bilakaera positiboa izan dute, % 0,6ko hazkundearekin. Aldiz, energia produkzioa % 9,4 murriztu da. Lurraldeka, urteko lehen erdian balantze positiboa izan dute Arabak (%1,3) eta Bizkaiak (%0,3). Gipuzkoan, berriz, industria produkzioak %0,7 egin du behera.
2023-8-3
https://www.berria.eus/albisteak/231437/hamar-udalerriri-eragingo-dieten-bi-parke-eoliko-egin-nahi-ditu-enpresa-batek-enkarterrin.htm
Gizartea
Hamar udalerriri eragingo dieten bi parke eoliko egin nahi ditu enpresa batek Enkarterrin
85,6 megawatt ekoiztuko dituzte bi parkeek, eta Enkarterrin Parke Eolikorik ez plataformak salatu du inpaktu handia izango dutela
Hamar udalerriri eragingo dieten bi parke eoliko egin nahi ditu enpresa batek Enkarterrin. 85,6 megawatt ekoiztuko dituzte bi parkeek, eta Enkarterrin Parke Eolikorik ez plataformak salatu du inpaktu handia izango dutela
Enkarterrin 11 haize errotako bi parke eoliko egiteko proiektua aurkeztu du Danimarkako Vlue Viking Barbara enpresak. Kolitza, Garbea eta Peña Levante mendiei eragingo die, eta baita hamar udalerriri ere: Balmaseda, Artzentales, Sopuerta, Zalla, Gueñes, Alonsotegi, Arrigorriaga, Ugao eta Basauriri Bizkaian, eta Okondori Araban. Guztira 85,6 megawatt ekoiztuko dituzte bi parkeek. Balmaseda I deituriko lehen parkeak 49,8 megawatt sortzeko potentziala izango du, sei errotaren bidez, eta izen bereko herriko mendebaldean eraikitzeko asmoa dute, Peña Levante mendian. Bigarren parkea Balmaseda II izendatu dute; Balmaseda eta Artzenales artean eraikitzeko proposamena egin du enpresak, Kolitza eta Garbea mendien artean. Bost haize errota izango ditu, eta 36 megawatteko potentzia. Oraingoz, Eusko Jaurlaritzari baimen administratiboa eskatu dio enpresak, eta hark ebatziko du proiektua aurrera joango den edo ez, proposamena aztertu ondoren. Enkarterrin Parke Eolikorik Ez plataformak salatu du «ikaragarrizko inpaktua» izango dutela bi parke horiek, eta ingurumen legea urratzen dutela, biodibertsitatea arriskuan jartzearekin batera. Izan ere, azaldu dute parke horiek 250 metro inguruko altuera izango luketela.
2023-8-3
https://www.berria.eus/albisteak/231438/uefak-100000-euroko-zigorra-jarri-dio-osasunari-zuzenbide-arruntera-jotzeagatik.htm
Kirola
UEFAk 100.000 euroko zigorra jarri dio Osasunari zuzenbide arruntera jotzeagatik
Azkenean, Konferentzia liga jokatuko dute gorritxoek, baina hartan lortutako diru sarreren %5 ere kenduko dio UEFAk. Klubak iragarri du ez duela helegiterik aurkeztuko
UEFAk 100.000 euroko zigorra jarri dio Osasunari zuzenbide arruntera jotzeagatik. Azkenean, Konferentzia liga jokatuko dute gorritxoek, baina hartan lortutako diru sarreren %5 ere kenduko dio UEFAk. Klubak iragarri du ez duela helegiterik aurkeztuko
Itxi da Osasunaren eta UEFAren arteko auzia. UEFAk bere erabakia zuzendu zuen duela bi aste, eta Konferentzia liga jokatzeko baimena eman zion azkenerako Osasunari. UEFAk diziplinazko prozedura bat ireki zien nafarrei prozesu horretan zuzenbide arruntera jotzeagatik, eta gaur jakin da zein den zigor hori: 100.000 euroko isuna jarri dio Osasunari, eta Konferentzia ligako diru sarreren %5 kenduko diote multzoen fasetik aurrera [bertan lehiatzeko sailkatzen bada]. Beste zigor bat ere jarri dio UEFAk Osasunari, Europan ez jokatzekoa, baina bertan behera geratu da, eta horrek ez du eragotziko klubak Europako lehiaketan parte hartzea. Ez da zigor hori betearaziko Osasunak ez badu UEFA justizia arruntera eramaten datozen bi urteetan. Alegia, demandarik ezean, Osasunak ez du halako zigorrik izango. Klubak adierazi du onartu egingo duela UEFAk ezarri dion zigorra, eta ez du helegiterik aurkeztuko.
2023-8-3
https://www.berria.eus/albisteak/231439/hamabi-ekoizpen-lehiatuko-dira-zinemaldiko-horizontes-latinos-atalean.htm
Kultura
Hamabi ekoizpen lehiatuko dira Zinemaldiko Horizontes Latinos atalean
Argentina, Txile, Brasil eta Mexikoko ekoizpenak izango dira, besteak beste. Paula Hernandezen 'El viento que arrasa' filmak irekiko du saila. Irailaren 22tik 30era egingo dute Donostiako 71. Zinemaldia.
Hamabi ekoizpen lehiatuko dira Zinemaldiko Horizontes Latinos atalean. Argentina, Txile, Brasil eta Mexikoko ekoizpenak izango dira, besteak beste. Paula Hernandezen 'El viento que arrasa' filmak irekiko du saila. Irailaren 22tik 30era egingo dute Donostiako 71. Zinemaldia.
Latinoamerikan ekoitzi, zuzendu edota girotutako hamabi film luze lehiatuko dira Donostiako 71. Zinemaldiko Horizontes Latinos sailean. Argentina, Txile, Brasil eta Mexikotik iritsiko dira filmak, eta horien artean dira Paula Hernandez, Carolina Markowicz, Maria Zanetti, Dolores Fonzi, Camila Fabbri, Martin Benchimol, Tatiana Huezo, Guto Parente, David Zonana, Felipe Galvez, Lucia Puenzo eta Lila Avilesen lanik berrienak. Hernandezen filmak inauguratuko du saila, eta Markowiczenak itxi. Irabazleak 35.000 euroko saria jasoko du. Irailaren 22tik 30era egingo dute jaialdia. Paula Hernandezen El viento que arrasa lanarekin hasiko dute lehia. Misio ebanjeliko batera bidean doazen aita-alaba batzuen istoioa kontatzen du filmak. Misiora iritsi baino lehen, ordea, istripu bat izango du protagonistak. Selva Almada idazlearen izen bereko eleberriaren egokitzapena da filma, eta Alfredo Castro, Sergi Lopez, Almudena Gonzalez eta Joaquin Acebo aritu dira aktore lanetan. Saila ixteko, berriz, Carolina Markowiczen ibilbideko bigarren lan luzea aurkeztuko dute: Pedágio / Toll. Errepideko bidesari bateko langilea da protagonista, zeina atsekabetuta bizi baita. Tartean, baina, egongo da zer ikusi. Maria Zanettik, esate baterako, Alemania aurkeztuko du. Nerabe bat izango da filmeko protagonista nagusia; haren ahizpak buruko nahasmendu bat duenez, familiak bizi duen egoera kontatuko du. Tatiana Huezok El Eco erakutsiko du. Film horrek dokumental onenaren saria eta Encounters saileko zuzendaritza onenaren saria jaso zituen Berlingo zinema jaialdian, eta Zinemaldiko sail honetan ere badu esperientzia: Horizontes saria irabazi zuen 2021. urtean, Noche de fuego lanagatik. Bere ibilbideko hamargarren film luzea aurkeztuko du Guto Parentek: Estranho caminho. Pandemiaren ondorioz aitarekin berriro ere harremanetan jartzen den zinemagile bati buruzkoa da filma. Lan horrekin lau sari irabazi zituen Tribecaco zinema jaialdian: film, interpretazio, gidoi eta argazki onenaren sariak, hain zuzen ere. 2019. urtean, Zinemaldiko Sail Ofizialean parte hartu ondoren, Horizontes Latinos sailean erakutsiko du bere bigarren lana David Zonanak: Heroico. Gerraren aurkako alegatu bat da filma, eta etorkizuna hobetzeko asmoz ikastetxe militar batean sartzen den gazte baten istorioa kontatzen du. Felipe Galvezek, berriz, Los colonos filma aurkeztuko du. Cannesko zinema jaialdiko Un Certain Regard atalean aurkeztu du lana aurten, eta XX. mende hasieran Patagonian izandako herri indigenen genozidioa du hizpide. Halaber, El médico alemán filmarekin parte hartu zuen lehenengoz Lucia Puenzok Horizontes Latinos sailean, eta bere ibilbideko bosgarren lana aurkeztuko du aurtengo aldian: Los impactados. Ekaitz batean, tximista batek jo ondoren, aldaketa fisiko zein psikologikoak jasango dituen pertsonaiaren istorioa kontatzen du. Amaitzeko, Totem aurkeztuko du Lila Avilesek, Horizontes Latinos saileko epaimahaikide izan eta bi urtera. Zazpi urteko neska bat da filmeko protagonista, eta haren familiaren gorabeherak kontatuko ditu. Zuzendari gisa, estreinakoz Dolores Fonzi aktore argentinarrak Blondi lehen lan luzearekin egin du debuta zuzendari gisa. Semearekin harreman berezia duen ama gazte baten istorioa kontatzen du filmak, eta Fonzik berak interpretatu du amaren rola. Bafici jaialdian estreinatu zen filma, eta aktore onenaren saria eta emakumezko zuzendari argentinar onenaren saria eskuratu zituen, besteak beste. Camila Fabbri idazle eta aktoreak ere aurten idatzi eta zuzendu du bere aurreneko film luzea: Clara se pierde en el bosque. Iraganeko gertakizun traumatiko baten ondorioak bizi dituen emakume bat izango da protagonista. Martin Benchimolek, berriz, bakarka zuzendu duen lehenengo film luzea aurkeztuko du Zinemaldian: El castillo. Lana iaz estreinatu zuen, Berlingo zinema jaialdiko Panorama sailean, eta WIP Latam Industria Saria eta WIP Latam onenaren Egeda Platino Industria Saria lortu zituen. Etxe handi bat oinordetzan hartuko duen etxeko langile baten istorioa kontatzen du.
2023-8-10
https://www.berria.eus/albisteak/231441/legez-kanpoko-klinikak-estigmaren-ezkutaleku.htm
Mundua
Legez kanpoko klinikak, estigmaren ezkutaleku
Hegoafrika da haurdunaldia etetea legezko bilakatu zuen Afrikako lehen herrialdea: 1996an legeztatu zuen abortua. Halere, urtero egiten diren abortuen erdiak baino gehiago legez kanpoko kliniketan egiten dituzte; sinesmen kulturalek, erlijiosoek, sozialek eta politikoek bultzatuta, eta beldurra eta lotsa tarteko.
Legez kanpoko klinikak, estigmaren ezkutaleku. Hegoafrika da haurdunaldia etetea legezko bilakatu zuen Afrikako lehen herrialdea: 1996an legeztatu zuen abortua. Halere, urtero egiten diren abortuen erdiak baino gehiago legez kanpoko kliniketan egiten dituzte; sinesmen kulturalek, erlijiosoek, sozialek eta politikoek bultzatuta, eta beldurra eta lotsa tarteko.
Batzuek atzera egiten duten bitartean, beste batzuek bide berriei ekiten diete. Afrika osatzen duten 54 herrialdeetatik 21etan da posible haurdunaldia etetea. Horietako gehienetan abortatzeko baldintzak zurrunak diren arren —haurdun dagoen emakumearen bizitza arriskuan egotea, adibidez—, zazpi herrialdetan ez da pisuzko arrazoirik behar abortatzeko; hala nola Tunisian, Mozambiken eta Hegoafrikan. Horien artean, hegoaldeko estatua izan zen abortua legeztatzen lehena. Hegoafrikako Gobernuak 1996an onartu zuen Haurdunaldia Eteteko Hautuaren Legea, eta 1997ko otsailaren 1ean sartu zen indarrean. Halere, badago zer egin oraindik. Izan ere, legez kanpoko kliniketan egiten dituzte urtero egiten diren abortuen erdiak baino gehiago. «Estigma da horren eragile nagusia»; hala uste du Ibis Reproductive Health erakundeko Afrikako programen zuzendari Tshego Bessenaarrek. Sinesmen kulturalek, erlijiosoek, sozialek eta politikoek elikatzen dute estigma hori: «Jende askorentzat, ama batek bere haurra hiltzea da abortatzea». Norberaren komunitatetik harago, herrialdeko erakundeetan eta abortatzeko klinika publikoetan ere aurki daitezke estigma horren zantzuak. Mediku eta erizain askok uko egiten diote abortuak egiteari. Arrazoiak askotarikoak dira: «Mediku batzuek beren sinesmen pertsonalengatik edo erlijiosoengatik egiten dute uko; beste batzuek uste dute ez dutela nahikoa prestakuntza profesional abortu bat egiteko». Abortatzeko eskubidea Afrikan. BERRIA Klinikak edo ezkutalekuak Ez da kasualitatea emakume ia guztiek legez kanpoko kliniketara jotzea. Haurdunaldia eteteko espazio bat izateaz gain, ezkutalekuak ere badira: «Ospitale publikoetan dena gelditzen da gordeta, ahoz aho zabaltzen da zergatik zauden han, zer egitera joan zaren... Legezkoek eskaintzen ez duten pribatutasuna eskaintzen dute legez kanpokoek». Ezkutuko praktikek, ordea, badute alde ilun bat: arriskua. 2021ean Hegoafrikan abortatu zuten emakumeen %70 hil egin ziren. Gehienek legez kanpoko kliniketan eten zuten haurdunaldia, eta operazioaren osteko konplikazioen ondorioz hil ziren ia denak. Bessenaarren arabera, ez da erraza klinika horietara joaten diren emakume guztien datuak lortzea, baina «joaten diren guztiek jartzen dituzte beren bizitzak arriskuan, nahiz eta herrialdean, berez, abortua legezkoa izan». Eta, ezkutalekuak badira, nola dute haien berri? Bada, publizitatearen bitartez. Ahoz gora esaten den sekretu bat nola, hala aurki daitezke hirietan legez kanpoko kliniken iragarkiak. «Kartelak jartzen dituzte autobus geltokietan, erakusleihoetan, seinaleetan... Askotan sakelako telefonoen zenbakiak ere jartzen dituzte iragarkietan, zera diotenak: 'Minik gabeko abortu bat nahi baduzu, deitu hona'. Eta, noski, jendeak deitu egiten du». Zoko txiki eta ilunak dira, berez, baina egun argiz irakur daitezke haien iragarkiak. «Nahi dutena egiten dute, eta gobernua jakinaren gainean dago», dio Bessenaarrek. Hala ere, ez ikusiarena egiten dute agintariek: «Legez kanpoko klinikak eta horien atzean dauden arduradunak kriminalizatu beharko lituzke gobernuak». Aipatu ezin den hori Hitz bat aipatu nahi ez denean, beste formula batzuk erabiltzeko aukera ematen du hizkuntzak. Esan nahi ez den hori definitu daiteke, sinonimo batekin ordezkatu, edo eufemismo bat sortu. Horixe egiten du Hegoafrikako Gobernuak abortu hitzarekin: saihestu. «Agintariekin elkartzen garenean, gutxik erabiltzen dute abortu hitza. Horren ordez, haurdunaldiaren etetea erabiltzeko eskatzen dute. Haien arabera, hobeto ematen du belarrira». Baina jarrera horiek elikatu egiten dute abortuaren inguruko estigma. Izan ere, aipatzen ez dena ez da existitzen; edo marjinala da, txarra. «Herrialdeko emakume gutxik dute beren bikotekidearekin, senideekin eta lagunekin abortuaren inguruan aske hitz egiteko nahikoa konfiantza». Bessenaarrek eta haren lankideek egindako ikerketa baten arabera, emakume gazteentzat egoera are zailagoa da: «Legearen arabera, hamabi urtetik aurrera aborta dezakete hemen emakumeek, baina adingabe gehienek legez kanpoko kliniketara jotzen dute. Erruduntasuna eta lotsa handiagoak izan ohi dira emakume gazteen artean; izan ere, beren etxeetatik edo komunitateetatik botako dituzten beldur dira asko». Abortuaren estigma GIB giza immunoeskasiaren birusarekin alderatzen du Bessenaarrek: «Urte luzez inork ez zuen GIBaren inguruan hitz egiten. Gaixotasuna ez zen aipatu ere egiten. Baina jendea horri buruz hitz egiten hasi zenean, eztabaidak sortu ziren, eta herritarrek gaixotasunaren aurkako tratamendua jaso ahal izan zuten. Bada, erabat normalizatu arte, berdin gertatuko da abortuarekin». Borrokaren erreferente Bessenaar institutuan zegoen abortua legezko bihurtu zutenean, eta gogoan du lorpenak sortu zuen zirrara: «Emakumeak aske sentitu ziren». Milaka emakumeren parte hartzea eta denbora behar izan zituzten abortua legezko egiteko, baina herritarrak mobilizatzea ez da inoiz erronka bat izan han: «Aldaketa handiak izan dira Hegoafrikan, gizarte mugimenduek indar handia izan dute, jendea kalera irten da. Eta horri esker gertatu dira aldaketak. Borrokatzen dakien herrialde bat da». Kontinentean abortua legeztatu zuen lehenengo herrialdea izanagatik, Hegoafrika «erreferentea» da alboko herrialdeen begietan. Horregatik, haurdunaldia etetea legezko ez den horietan bizi diren emakume askok bidaiatzen dute hara: «Batez ere Botswanatik etortzen dira, hori delako gertuen dagoen estatua». Erreferente den heinean, ordea, gauza onek soilik ez, hain onak ez direnek ere oihartzun handia izaten dute: «Alboko herrialdeetako emakumeek zera pentsatzen dute: 'Ene, Hegoafrikan abortua legezkoa bada, eta, hala ere, emakumeek legez kanpoko kliniketara jotzen badute, eta sufritu egiten badute, zer gertatuko da gurekin?'. Etsigarria da egoera».
2023-8-3
https://www.berria.eus/albisteak/231443/ligako-egutegiaren-berri-jakin-dute-baskoniak-eta-bilbo-basketek.htm
Kirola
Ligako egutegiaren berri jakin dute Baskoniak eta Bilbo Basketek
Lehen jardunaldian, Baskoniak kanpoan jokatuko du, Breoganen aurka, eta Bilbo Basket etxean ariko da, Andorraren aurka. Lehen derbia hirugarren jardunaldian jokatuko dute.
Ligako egutegiaren berri jakin dute Baskoniak eta Bilbo Basketek. Lehen jardunaldian, Baskoniak kanpoan jokatuko du, Breoganen aurka, eta Bilbo Basket etxean ariko da, Andorraren aurka. Lehen derbia hirugarren jardunaldian jokatuko dute.
Saskibaloi Kluben Elkarteak (ACB) gaur argitaratu du 2023-2024ko denboraldirako egutegia. Irailaren 23tik 24ra bitartean jokatuko dute lehen jardunaldia, eta Baskonia Lugon izango da, Pazo Provincial dos Deportes pabiloian, Breoganen aurka aritzeko. Bilbo Basket, berriz, Miribillan hasiko da, irailaren 24an, igandearekin. Jaume Ponsarnauk zuzentzen duen taldeak Mora Banc Andorra talde igo berria hartuko du. Maila goreneko bi euskal taldeek laster jokatuko dute lehen derbia, hirugarren jardunaldian. Buesa Arenan izango da, irailaren 30ean, 18:00etan. Pabiloia erabat betetzea espero da, iazko denboraldian bezala. Norgehiagoka hori bigarrena izango da Surne Bilborentzat; izan ere, Monbus Obradoiroren aurka Fontes do Sarren jokatu beharreko bigarren jardunaldiko partida urriaren 4ra atzeratu da (20:00etan). Galiziako taldeak FIBA Txapeldunen Ligako atariko bat jokatu behar du, eta horregatik aldatu dute eguna. Bigarren derbia, martxoaren 24an jokatuko dute, Bilbo Arenan. Bi taldeek Europan jokatuko dute berriro ere. Baskonia Euroligan ariko du beste urte batez, eta Bilbo Basket, berriz, sortu berri den Europa Kopan izango da. Jakinarazi dutenez, multzoen faseko zozketako hirugarren ontzian egongo da Bilboko taldearen bolatxoa, eta datorren asteartean jakingo du zein izango dituen aurkariak. Bestalde, ACB Ligako fase erregularra maiatzaren 11n eta 12an amaituko da. Bertan, kanporaketarako zer talde sailkatu diren jakingo da, eta ohiko formatuan jokatuko dute –bi partida irabazi beharko dira final-laurdenetako kanporaketan, eta bost finalerdietan eta finalean–. Sasoiaren azken faseak ekainaren 17ra arte iraungo du, gehienez ere. Liga hasi aurretik, bi taldeek irailaren 15ean emango diote amaiera denboraldiaurreari, eta elkarren aurka jokatuko dute ohiko Euskal Kopan. Azken orduko aldaketarik ez badago, derbia Galdakaoko Urreta kiroldegian izango da berriro ere.
2023-8-3
https://www.berria.eus/albisteak/231444/rotterdamgo-orkestra-filarmonikoak-inauguratuko-ditu-gaur-kursaaleko-kontzertu-sinfonikoak.htm
Kultura
Rotterdamgo Orkestra Filarmonikoak inauguratuko ditu, gaur, Kursaaleko kontzertu sinfonikoak
Gaur eta bihar arituko da orkestra Kursaalean, eta bi maisulan interpretatuko ditu: Xostakovitxen biolontxelorako lehenengo kontzertua eta Beethovenen bederatzigarren sinfonia
Rotterdamgo Orkestra Filarmonikoak inauguratuko ditu, gaur, Kursaaleko kontzertu sinfonikoak. Gaur eta bihar arituko da orkestra Kursaalean, eta bi maisulan interpretatuko ditu: Xostakovitxen biolontxelorako lehenengo kontzertua eta Beethovenen bederatzigarren sinfonia
Gaurtik abian da Donostiako 84. Musika Hamabostaldia, eta egitarau zabala prestatu dute inaugurazio jardunaldirako. Nolanahi ere, gaurko egunak badu protagonista handi bat: Rotterdamgo Orkestra Filarmonikoa. Bi kontzertu joko ditu gaur eta bihar, Kursaal auditoriumean, 20:00etan. Harreman estua du Rotterdamgo taldeak jaialdiarekin, eta, ezagun zaharra da Donostian dagoeneko. Valery Gergievek zuzendu zuen 2004an Hamabostaldian, eta Yannick Nezet-Seguinek 2011n eta 2014an, eta 2018an egin zuen azken bisita jaialdira. Aurten, ordea, Lahav Shani izango dute gidari, zeina 2018tik baita haien zuzendaria. Bi programa oso desberdinen alde egin du apustu orkestrak oraingoan: Errusiako musikari keinu bat egingo diote gaur, Xostakovitxen eta Txaikovskiren lanekin, eta Beethovenen bederatzigarren sinfonia interpretatuko dute bihar. Hala ere, ez dira oholtza gainean bakarrik egongo: Pablo Ferrandez biolontxelo jolea izango dute bidelagun ostegunean, eta Donostiako Orfeoia eta lau ahots bakarlari ostiralean. Herbehereetako orkestrarik handienetako bat da Rotterdamgoa. 1970eko hamarkadan bere «urrezko garaia» izan zuen, eta nazioarteko ospea lortu zuen Edo de Waarten gidaritzapean, zeina XX. mendeko zuzendari herbehereetar prestigiotsuenetako bat baita. Zuzendari ezagunak izan ditu buru ordutik, eta, 2018az geroztik, Lahav Shani zuzendari eta piano joleak betetzen du kargu hori. Shani pozik agertu da jaialdian parte hartzeko aukerarekin. Ospe handiko zuzendaria da mundu osoan, eta 2013an egin zen ezaguna, Bambergeko Orkestrak antolatutako zuzendari lehiaketa irabazi zuenean. Talde handiak zuzendu izan ditu, hala nola Los Angelesko Filarmonikoa eta Luzernako Sinfonikoa, baina Rotterdamgo Orkestra Filarmonikoarekin egin zuen debuta, 2016an, titulartasuna hartu baino bi urte lehenago. Municheko Orkestra Filarmonikora egingo du salto 2026an, zuzendari gisa. Xostakovitx eta Txaikovski Errusiako musika izango da protagonista Rotterdamgoek gaur Kursaalean eskainiko duten emanaldian, eta Xostakovitxen biolontxelorako lehenengo kontzertua izango dute abiapuntu. Instrumentu horretarako klasiko bat bihurtu da obra, eta konpositorearen piezarik ezagunenetako bat da. Espainiako biolontxelo jotzaile nabarmenetako batek emango dio bizia obrari, orkestrarekin batera: Pablo Ferrandezek. Madrilen jaio zen Ferrandez; 13 urterekin murgildu zen biolontxeloaren munduan, eta, geroztik, ez ditu eskuak soketatik askatu: «Obra hau oso intimoa da, baina energiaz beteta dago. Oso berezia da», adierazi du. Pozik dago aurtengo Hamabostaldian eman zaion aukerarekin, eta hitz batzuk eskaini dizkio Rotterdamngo orkestraren zuzendariari: «Asko miresten dut Lahav, musikari eta pertsona gisa». Ferrandezek Madrilgo Reina Sofia Goi Mailako Musika Eskolan eta Alemanian egin zituen musika ikasketak, eta hainbat lehiaketatan hartu du parte. Hala, 2015ean Txaikovski Nazioarteko Lehiaketa irabazi zuen eta horrek eman zion nazioartera salto egiteko aukera. Los Angelesko Filarmonikoan, Txekiako Filarmonikoan eta Londresko Errege Orkestra Filarmonikoan hartu du parte, eta, 2021az geroztik, Sony Classical diskoetxeko artistetako bat da. Gaurko bigarren obra, Txaikovskiren seigarren sinfonia da, Patetikoa esan ohi zaiona (1893). Txaivkoskik idatzitako azkeneko sinfonia izan zen; buru-belarri aritu zen proiektuan, eta obra Errusiako Erromantizismoaren pieza handienetariko bat bihurtu zen denborarekin. Beethovenen “maisulana” Musika klasikoaren historiako obrarik garrantzitsuenetako bat interpretatuko du orkestrak, bihar: Beethovenen bederatzigarren sinfonia, hain zuzen ere. Berrehun urte beteko ditu piezak datorren urtean, eta haren garrantzia azpimarratu dute jaialdiko arduradunek. Patrick Alfaya Hamabostaldiko zuzendariak adierazi duenez, «europar ereserki bat da», baita «melodiarik nazioartekoena» ere, haren ustez: «Mundu guztiarekin konektatzen duen melodia bat da, eta ulertzen da, hizkuntza ulertzen ez baduzu ere». Beethoven izan zen lehena bakarlariak eta koru bat pieza sinfoniko batean sartzen, eta horregatik bilakatu da obra hau, beste arrazoi batzuen artean, sorkari iraultzaile bat. Mezu bat helaraztea zen konpositorearen helburua, eta eredu da pieza, bai musikalki eta baita zailtasunak gainditzeari, bakeari eta batasunari dagokienez ere; izan ere, Beethovenek entzumena ia erabat galdua zuela estreinatu zen obra hori, 1824an. Friedrich Schiller poeta alemaniarraren Alaitasunaren oda txertatu zioten obrari gerora, eta horixe da Donostiako Orfeoiak bihar Kursaal auditoriumean kantatuko duena. Donostiako Orfeoiak obra ugari landu izan ditu kontzertu sinfoniko koraletan, operan, zarzuelan, folklorean eta polifonian, eta Europako jaialdi handietan ere aritu izan da. 125 urte bete zituen iaz, eta kontaezinak diren aldietan kantatu du Beethovenen bederatzigarren sinfonia: «Oso berezia da guretzat obra hau. Orfeoiak koru misto gisa kantatu zuen lehen obra da», adierazi du Jon Urdapilletak, Donostiako Orfeoiaren zuzendari gonbidatuak. Hamabostaldiarekin duen harreman estua dela eta, 74 alditan hartu du parte abesbatzak jaialdian. Beethovenen bederatzigarrena interpretatzeko, lau ahots bakarlari batuko zaizkie Rotterdamgoei eta orfeoiari, gainera: Chem Reiss soprano israeldarra, Mathew Newlin tenor estatubatuarra, Carmen Artaza mezzosoprano donostiarra, eta Jose Antonio Lopez baritono espainiarra.
2023-8-3
https://www.berria.eus/albisteak/231446/osakidetzako-oposizioetan-izena-eman-dutenek-ilara-luzeak-sortu-dituzte-ospitaleetan.htm
Gizartea
Osakidetzako oposizioetan izena eman dutenek ilara luzeak sortu dituzte ospitaleetan
Osakidetzako oposizioetara aurkeztu nahi duten milaka lagunek hamar eguneko epea dute dokumentazioa presentzialki aurkezteko
Osakidetzako oposizioetan izena eman dutenek ilara luzeak sortu dituzte ospitaleetan. Osakidetzako oposizioetara aurkeztu nahi duten milaka lagunek hamar eguneko epea dute dokumentazioa presentzialki aurkezteko
Osakidetzako oposizioetarako izena eman duten milaka pertsonak tramiteak egin behar dituzte abuztuko lehen asteetan.Uda garaia dela eta, dokumentazioa aurkezteko joan behar duten ospitaleetako leihatiletan normalean baino administrari gutxiago daude. Gainera, azterketak egin nahi dituztenek hamar eguneko epea dute dokumentazioa aurkezteko. Gauzak horrela, ilara luzeak sortu dira aste honetan euskal hiriburuetan; Donostia ospitalean, Txagorritxun (Gasteiz) eta Basurtukoan (Bilbo). Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak udaberrian jakinarazi zuen Osakidetzarako oposizioak antolatuko zituela. Horrela, 110 lanbide kategoriatan banatutako 7.639 lanpostu eskaini zituen. Lehen azterketak uztailean egin dira, eta irailetik azarora bitarte egingo dira beste hainbat. Iragarpen horren berri izan bezain laster, sindikatuek eta osasun arloko langileek adierazi zuten ez zituztela aintzat hartu sindikatuek aukeratutako datak, azterketak uztailean hasi baitira. Gainera, abuztuan, oporraldian, hautagaiek curriculuma egiaztatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko dute. Langileek aurrez ere salatu dute lan eskaintza publikoko lanpostu batzuk behin betiko ebatzi aurretik egin zuela Osakidetzak lan deialdi honetarako deia. Oposizioak egiteko 109.029 lagunek eman dute izena, eta horiek denek epe antzekoetan egin behar dituzte orain izapideak; izan ere, beste espezialitate batzuetarako azterketa egiteko dokumentazioa aurkezteko epea irekitzen ari dira azken bi asteetan. Ondorioz, ilara geroz eta luzeagoa da ospitaleetako leihatiletan. Azterketa egin ahal izateko, titulazio akademikoak, euskara mailaren ziurtagiria, Osakidetzako edota beste lanbide batzuetako esperientzia egiaztagiriak, nortasun agiria eta gidabaimenaren ziurtagiria aurkeztu behar dituzte, plaza bakoitzean izena emandakoaren curriculuma justifikatzeko, nahiz eta 2018/19ko oposizioetan aurkeztu zuten. Lanpostuaren aldaketa edota igoera nahi duten Osakidetzako langileek ere dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzten. Aste honetan ilara egiten ari diren hainbatek Osakidetzaren aplikazioaren bitartez aurkeztu dituzte dokumentuak. Hala ere, nortasun agiria derrigorrean aurrez aurre aurkeztu behar dute. Donostiako Ospitalearen ondoan dagoen Gipuzkoa eraikinean hainbat pertsona bost orduz egon dira ilaran, paperak egiteko esperoan. Ondorioz, egunotan hainbat kexa entzun dira ilara horietan. Hainbat informazio iturrik jaso dituzte. Horra Efe agentziak aste honetan jasotakoak. «Lotsagarria da Osakidetzak plangintzarik ez izatea eta gure oporraldiko orduak tramite bat egiteko ilara egiten pasaraztea. Erregistroetan langile gehiago jarri beharko lituzkete izapide bat egiteko». «Goiz osoak» ilaran egin dituzte hainbatek eta oposizioak egiteko izena eman duten beste hainbat sare sozialen bidez ari dira jakinarazten ilara txikiena non dagoen. Arazo horren aurrean, Donostiako ESI erakunde sanitario integratuak adierazi du dokumentazioa aurkezteko ordutegia luzatu egingo duela. Donostiako Ospitaleko ama-haurrentzako eraikineko bigarren solairuan, langileen departamentuan, 13:00tik 20:00etara egongo dira hemendik aurrera. Gipuzkoa eraikinean berriz, 8:00etatik 16:30etara. ESK sindikatuak Osakidetzak deitutako oposizioetara aurkeztu direnen egoera salatu zuen pasa den asteazkenean: «Onartezina da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresa publiko handiena, langileen eta hautagaien curriculuma digitalizatzeko diru publikoaren kopuru handiak gastatu dituena, Osakidetzako azken oposizioetako parte hartzaile guztiei tona bat dokumentazio aurkeztera behartzea. Batzuek dokumentazio guztia baliozkotuta dute, eta orain oporrak eten behar dituzte nortasun agiriaren kopia bat aurkezteko». Sindikatuarentzat, Osakidetzak oposizioetarako izena eman duen jendearekiko «errespetu eza» erakutsi du, eta Osakidetzak hartutako erabakia «zentzugabekeria» gisa definitu du.
2023-8-11
https://www.berria.eus/albisteak/231447/mila-eta-bat-oztopo.htm
Mundua
Mila eta bat oztopo
Bost herrialdetan dago debekatuta abortatzea Europan. Baina, legezkoa den tokietan ere, badira haurdunaldia eteteko oztopoak; kasurako, administrazioko tramite korapilatsuak, epe laburrak eta kontzientzia eragozpena.
Mila eta bat oztopo. Bost herrialdetan dago debekatuta abortatzea Europan. Baina, legezkoa den tokietan ere, badira haurdunaldia eteteko oztopoak; kasurako, administrazioko tramite korapilatsuak, epe laburrak eta kontzientzia eragozpena.
Lehen begi kolpean, irudi dezake abortatzeko eskubidea erabat bermatuta dagoela Europan. Izan ere, 44 estatuetatik 39k babesten dute legez haurdunaldia eteteko eskubidea, eta, hortaz, Europan bizi diren emakumeen %95ek dute abortatzeko aukera. Baina bestelakoa da gainontzeko %5en egoera; hots, abortatzea delitua da Polonian, Andorran, Maltan eta Liechtensteinen. Eta horiek ere Europan daude. Abortua erabat debekatua dago Maltan eta Andorran; debekatua, eta kriminalizatua. Bi urtetik gorako espetxe zigorrei egin behar diete aurre haurdunaldia eteten duten emakumeek, nahiz eta haurdunaldia bortxaketa baten ondorio izan, edo haurdun dagoen emakumearen zein fetuaren bizitza arriskuan egon. Halaber, lau eta sei urte arteko espetxe zigorra ezarri diezaiekete abortu batean parte hartzen duten osasun langileei. Emakume bat abortuaren aurkako manifestazio batean, Bizitzeko eskubidea dioen kartel bat eskuetan, Erroman (Italia), joan den maiatzean. Massimo Percossi, EFE Liechtensteinen, berriz, abortuaren aurkako debekua 1989tik jasotzen du Zigor Kodeak. Espetxe zigorrari egin behar zieten aurre bai abortatzen zuten emakumeek, bai hari abortatzen laguntzen zioten osasun langileek. 2015ean, ordea, dokumentua eguneratu egin zuten. Ordutik, ez da zigorrik haurdunaldia eteten duten emakumeentzat. Baina legeek sarri izaten dituzte zirrikituak, eta horrek ere badu bat. Abortatzen duten emakumeak zigortzen ez badituzte ere, urte bateko espetxe zigorra ezarri diezaiokete haurdunaldia eteten laguntzen duen osasun langileari, eta hiru urtekoa osasun langilea izan ez eta abortatzen laguntzen duen edonori. Hortaz, legeak abortatzeko eskubidea aitortzen duen arren, herrialdean ez dago inor halakorik egiteko prest. Dena den, azken urteotan izan da debekuaren zerrendatik atera den herrialderik: San Marinon iaz legeztatu zuten abortua. Orain, emakumeek haurdunaldiko lehen hamabi asteetan abortatu dezakete han. Erlojuaren aurka Legeak berak baino, denborak agintzen du batzuetan, eta horixe gertatzen da, hain justu, abortatzea legezkoa den herrialde batzuetan: epe jakin batzuek baldintzatzen dituzte emakumeen abortatzeko aukerak. Tokian tokiko legediaren arabera, laburragoak edo luzeagoak dira epe horiek. Adibidez, Europan, Portugalgoa da haurdunaldia eteteko eperik laburrenetako bat; hots, hamar astekoa. Zenbait ikerketaren arabera, ordea, haurdun geratu eta zortzi astera izan ohi dute emakumeek haurdunaldiaren berri. Beraz, une horretatik bi edo hiru asteko tartea besterik ez dute haurdunaldia eteteko. Abortuaren aldeko protesta bat, Bruselan (Belgika), iazko ekainean. Stephanie Lecocq, EFE Portugalgoa baino zertxobait luzeagoa da Frantziako Gobernuak ezarritako epea. Orain gutxi arte, hamabi astera zegoen mugatua. Baina epe hori bi astez luzatzea erabaki zuten iaz. Egun, emakumeek hamalau aste dituzte abortatzeko. Horrekin batera, zera ere erabaki zuten: emaginek abortatzeko prozeduretan parte hartu ahal izatea. Baina, epeez aparte, ez dira gutxi abortatu baino lehen emakumeek egin beharreko urratsak. Portugalen, esaterako, abortatu nahi duten emakumeek aurrez aurreko hitzordu bat lortu behar dute mediku batekin —hitzordu horrek aholkularitza saio baten formatua izan ohi du—. Ondoren, osasun probak egin behar ditu, eta, azken erabakia hartu baino lehen, hiru eguneko hausnarketa epe bat bete behar du. Antzeko hausnarketa epe bat bete behar dute Belgikan ere. Hiru egun beharrean, sei egun dituzte horretarako, eta baretzeko epea izenez ere deitzen diote. Helburua zera da: abortatu osteko damua ahalik eta gehien murriztea. Halere, zenbait ikerketak adierazi dutenez, onura baino kalte gehiago izan ditzake sei eguneko itxaronaldi horrek. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, epe horiek abortatzeko eskubideari ezartzen zaizkion «oztopo politikoak» baino ez dira, eta ez dira «inondik inora ere beharrezkoak». Edonola ere, egun Europako hamalau herrialdetan daude indarrean. Moralaren zama Epe burokratikoen mende egoteaz gain, Europako zenbait herrialdetan bada gainditu beharreko beste oztopo handi bat: morala. Hori gertatzen da, hain justu, Eliza katolikoak indar handia duen estatuetan, hala nola Italian, Polonian eta Andorran. Abortua debekatua dago azken horretan, eta Polonian ere bai, bi kasutan izan ezik: emakumearen osasuna edota bizitza «arriskuan» dagoenean, eta haurdunaldia «ekintza kriminal baten» ondorio izan denean. Izan ere, katolizismoaren instituzioa da historikoki abortuaren aurkako mezu gehien zabaldu dituen taldeetako bat. Eta, gaur egun, gutxiago bada ere, gauza bera egiten du oraindik. Jarrera horren adibide da COMECE Europako Batasuneko Apezpikuen Biltzarrak iaz Europako Parlamentuko presidente Roberta Metsolarekin izandako bilkuran esandakoa. Besteak beste, abortua izan zuten hizpide bilkuran, eta talde katolikoak argi adierazi zuen abortuaren inguruan duen iritzia: «[Abortua] oinarrizko eskubidetzat onartzeak ez du soilik izaki bizidun ororen duintasunaren aurka egiten, zeina EBko oinarrietako bat den; arriskuan jarriko ditu, halaber, erlijioaren kontzientziaren askatasunerako eskubidea, jaio gabeko haurraren eskubideak eta kontzientzia eragozpena erabiltzeko aukera».
2023-8-3
https://www.berria.eus/albisteak/231448/ghk-k-onartu-du-42-egunez-hondakinak-errausten-aritu-dela-aurrez-tratatu-gabe.htm
Gizartea
GHK-k onartu du 42 egunez hondakinak errausten aritu dela aurrez tratatu gabe
«Behin-behinean» izan dela, eta ezaugarri bertsuko plantetan egin ohi den legez egin dutela adierazi du.
GHK-k onartu du 42 egunez hondakinak errausten aritu dela aurrez tratatu gabe. «Behin-behinean» izan dela, eta ezaugarri bertsuko plantetan egin ohi den legez egin dutela adierazi du.
GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioak aitortu du aurrez tratatu gabe erraustu duela zaborra 42 egunez. Gara egunkariak argitaratutako informazioari erantzunez atera du oharra GHK-k. Kazetak argitaratu duenez, Zubietako erraustegian (Gipuzkoa) hondakinak errausten aritu dira, aurrez behar izaten duten tratamenduaren jarduera neurtzen duen kontagailua batere jarduerarik izan ez balu bezala zegoen artean. Kazetaren arabera, aurrez tratatu beharreko hondakinen kontagailua zeroan zegoen artean, balorizazio energetikoko kontagailuak 366,68 tona erre zituela erakusten zuen. GHK-k Gara-ri igorritako ohar batean onartu du hori egin duela, baina «behin-behinean» izan dela, antzeko ezaugarriak dituzten erraustegiek egin ohi dutela, eta ingurumen eskaera guztiak betetzen dituela berretsi du: «Gezurra da Gipuzkoako Batzar Nagusietan onartutako Ingurumen Baimen Integratua eta Hondakinen Kudeaketa Plana ez denik bete [hori salatu baitu egunkariak], sartu diren hondakinak balorizatzen jarraitu delako, behin-behinean aurretratamendurik gabe egin bada ere». GuraSOS taldearen arabera, aurretratamendurik gabe etxebizitzetako hondakinak soilik erre litezke. Aldiz, ez dago baimendua udal hondakinak erretzea aurrez materialak berreskuratzeko tratamendurik egin gabe. GHKren arabera, 42 eguneko jarduera horrek ez du eragin arriskurik, eta airearen kutsaduraren eta gasen depurazioaren kontrol eta neurketa automatiko guztiek ohiko funtzionamendua dutela berretsi du. Hondakinak energetikoki balorizatzen jarraitu dutela berretsi du, eta haien bitartez energia ekoizten, nahiz eta ez den egin aurrez hondakinen tratamendurik. Horretarako, ordea, Eusko Jaurlaritzaren baimena duela jakinarazi du.
2023-8-3
https://www.berria.eus/albisteak/231449/mediterraneoko-sei-herrialdek-neurriak-eskatu-dituzte-klima-krisiaren-kontra.htm
Mundua
Mediterraneoko sei herrialdek neurriak eskatu dituzte klima krisiaren kontra
Komunikatu bateratu baten bitartez, Esloveniako, Greziako, Italiako, Kroaziako, Maltako eta Portugalgo presidenteek «berehala ekiteko» exijitu diote nazioarteari.
Mediterraneoko sei herrialdek neurriak eskatu dituzte klima krisiaren kontra. Komunikatu bateratu baten bitartez, Esloveniako, Greziako, Italiako, Kroaziako, Maltako eta Portugalgo presidenteek «berehala ekiteko» exijitu diote nazioarteari.
Mediterraneoan muturreko tenperaturak, suteak eta uholdeak jasaten ari diren honetan, inguruko sei herrialdek aho batez eskatu diote nazioarteari klima krisiaren kontrako neurriak hartzeko. Egoeraren larritasunaren erakusle, Esloveniako, Greziako, Italiako, Kroaziako, Maltako eta Portugalgo presidenteek «berehalako» neurriak exijitu dituzte, argudiatuta ez dagoela «denbora gehiago galtzerik». Sergio Mattarella Italiako estatuburuaren eta Katerina Sakellaropulu Greziakoaren arteko telefono dei batek ekarri zuen hizpidera salaketa eta eskari horiek egiteko beharra, eta gerora batu ziren beste lau estatuetako presidenteak. «Espero bezala, klima krisia hemen da, eta larria da. Klima larrialdi egoeraz ari gara orain. Horren efektuak ikusgarriak dira; batez ere, gure eskualdean, Mediterraneoan. Asko eragin dio, eta berehalako arrisku askoren aurrean gaude: ur eta elektrizitate eskasia izatea, adibidez», diote gaur argitaraturiko komunikatuan. Sei estatuburuen arabera, «ezinbestekoa» da «ekitea eta premiazko erabaki eraginkorrak» hartzea, uste baitute «muturreko fenomeno naturalak ekosistema suntsitzen eta eguneroko bizitza mehatxatzen» ari direla. Horren aurrean, garrantzitsutzat jo dute Mediterraneoko herrialde guztiak koordinatzea, «esfortzu kolektibo baten» bitartez klima krisiak eragiten dituen efektuak iraultzeko; baina, larritasuna salatzeaz harago, Esloveniako, Greziako, Italiako, Kroaziako, Maltako eta Portugalgo presidenteek ez dute neurri zehatzik proposatu salatu duten aferarako. «Denon zeregina da norabide horretan ekitea eta neurri zehatzak hartzea», adierazi dute komunikatu bateratuan. Gizakiei eragiten dien ondorioez gain, herrialde horien kezketako bat da klima krisiak geroz eta eragin okerragoa izango duela beren ekonomietako bi oinarri nagusitan: turismoan eta uztetan. Joan den hilabetean, kasurako, 35 eta 40 gradu arteko tenperaturak izan zituzten Mediterraneoko eremu askotan. «Arraiolos Taldeko [sistema parlamentarioa eta sistema erdipresidentzialista duten Europako Batasuneko hamabost estatu kideren talde informaleko] eta Mediterraneoko herrialde horietako estatuburuek ekintzarako proiektu komunak babesteko konpromisoa hartzen dugu, eta dei egiten diegu Europako Batasunari, Mediterraneoko beste herrialdeei eta nazioarteko komunitateari afera hau beren agenda politikoetako toki nabarmendu batean mantentzera», gaineratu dute sei herrialdeetako estatuburuek. Errekorren asteak Munduko Meteorologia Erakundeak eta Copernicus Europako Batasunak klima aldaketa aztertzeko sorturiko zerbitzuak joan den astean jakinarazi zutenez, aurtengo uztaila inoiz erregistraturiko hilabeterik beroena izan da. Lehen 23 egunetan Lurraren batez besteko tenperatura aztertuta, adierazi zuten 16,95 gradukoa izan zela, eta gainditu egin zuela 2019ko uztaileko marka, 16,63koa. Are: iragan uztailaren 6an inoizko egunik beroena erregistratu zuten —17,08ko batez besteko tenperatura—, eta hil horren 3tik 23ra bitarteko egun guztietan gainditu zen orain arteko egunik beroenaren marka, 2016ko abuztuaren 13an neurturiko batez besteko 16,8 gradukoa. Copernicusen eta meteorologia erakunde horren arabera, errekorra gainditu da Europan, Asian eta Ipar Amerikan azken asteetan nozitu dituzten bero boladen ondorioz. Horren harira, Munduko Meteorologia Erakundeak aurreikusi zuen %98ko probabilitatea dagoela datozen bost urteetako bat, gutxienez, inoiz erregistratutako beroena izateko. Europan, gainera, iazkoa inoizko urterik beroenetan bigarrena izan zen, eta kontinente horretan udarik beroena ere izan zuten. Amazoniako deforestazioa txikitu egin da Aurreko urtearekin konparatuz gero, Amazoniako deforestazioa %7 txikitu da iazko abuztutik hona, Brasilgo Gobernuak gaur jakinarazi duenez. Zehazki, urtebeteko epe horretan, 7.952 kilometro koadro galdu zituen, eta kopuru hori txikiagoa izan da Luiz Inacio da Silva Lula-ren lantaldeak sustatutako neurriengatik, gobernuak argudiaturikoaren arabera —urte hasieratik dago agintean—. Albiste positibo hori Amazoniaren goi bileraren bezperan eman du Brasilgo Gobernuak. Datorren asteartean eta asteazkenean egingo dute, eta oihanaren inguruko zortzi herrialdeek parte hartuko dute: Brasilek, Boliviak, Ekuadorrek, Guyanak, Kolonbiak, Peruk, Surinamek eta Venezuelak. Klima krisia izango dute eztabaidetako bat.
2023-8-3
https://www.berria.eus/albisteak/231450/pertsona-bat-hil-da-bergaran-auto-istripu-batean.htm
Gizartea
Pertsona bat hil da Bergaran auto istripu batean
Aurrez aurre jo dute ibilgailuek, eta pertsona bat zendu da.
Pertsona bat hil da Bergaran auto istripu batean. Aurrez aurre jo dute ibilgailuek, eta pertsona bat zendu da.
Istripu larria izan dute gaur arratsaldean bi ibilgailuk Bergaran (Gipuzkoa), GI-627 errepidean. Aurrez aurre jo dute biek, eta, kolpearen ondorioz, pertsona bat zendu da. Larrialdi zerbitzuek zaurituta eraman dute beste bat. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko iturriek jakinarazi dutenez, errepidea itxi egin behar izan dute ezbeharraren ondorioz. Osintxu auzotik bideratu dute ibilgailuen zirkulazioa.
2023-8-3
https://www.berria.eus/albisteak/231451/baionako-bestetan-jipoitu-zuten-gizonezkoa-hil-egin-da.htm
Gizartea
Baionako bestetan jipoitu zuten gizonezkoa hil egin da
Eraso egin zioten etxera sartzen ari zela: behin eta berriz jo zuten, bortitz, eta koma artifizialean zegoen ordutik
Baionako bestetan jipoitu zuten gizonezkoa hil egin da. Eraso egin zioten etxera sartzen ari zela: behin eta berriz jo zuten, bortitz, eta koma artifizialean zegoen ordutik
Asteon egin du Jean Rene Etxegarai Baionako auzapez eta Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak hiriko bestetako balorazioa, eta giro «goxoan» joan zirela esan du. Baina izan dira gertaera larriak; hilaren 26an, gauean, 46 urteko gizonezko bati eraso egin zioten etxera sartzen ari zela. Ate aitzinera iristean, hiru gizonek sartzea trabatu zioten; galdetu zienean handik mugitzeko, jo egin zuten, behin eta berriz, bortizki. Baionako prokuradoreordeak esana zuen gizona koma artifizialean zegoela, eta hiltzeko arriskua zuela oraindik. Gaur ilunabarrean France Bleu hedabideak jakinarazi duenez, hil da gizonezkoa. Erasoaren berri izan ondoren, ikerketa bat abiatu zuten, hilketa ahaleginarengatik, eta Polizia erasotzaileen bila dabil. Beste heriotza bat ere izan zen Baionako besten testuinguruan. 18 urteko mutil bat hilik atzeman zuten igandean bere etxean, Donibane Lohizunen (Lapurdi). Iturri ofizialek adierazi zutenez, «ez zuen osasun arazorik, eta kirolaria zen». Zehaztu zuten mutilaren bi adiskidek onartu zutela alkohola edateaz gain «estasi gisa saldu zizkieten bi pilula» erosi zituztela. Indarkeria matxistaren itzala ere presente egon da Baionako bestetan; lau bortxaketa salatu dira. Horietako bat artxibatu gin du Fiskaltzak. Herriko Etxearen arabera, 1,3 milioi pertsona izan dira guztira bestetan, eta balorazioan, oro har, izan den giro ona nabarmendu behar da.
2023-8-12
https://www.berria.eus/albisteak/231472/abortuaren-mugak-latinoamerikan.htm
Mundua
Abortuaren mugak Latinoamerikan
Nazio Batuen Populazio Gaietarako Funtsaren arabera, nahi gabeko haurdunaldietan munduko tasarik handienetakoa dute Latinoamerikak eta Karibek. Askotariko egoerak daude herrialde horietan abortatzeko eskubideari dagokionez; zazpi estatutan baino ez dago modu librean abortatzerik.
Abortuaren mugak Latinoamerikan. Nazio Batuen Populazio Gaietarako Funtsaren arabera, nahi gabeko haurdunaldietan munduko tasarik handienetakoa dute Latinoamerikak eta Karibek. Askotariko egoerak daude herrialde horietan abortatzeko eskubideari dagokionez; zazpi estatutan baino ez dago modu librean abortatzerik.
Abortuari dagokionez, askotariko egoerak daude Latinoamerikan: herrialde batzuek jada ez dute zigortzen abortatzea; beste batzuek, aldiz, erabat debekatuta daukate; baina, legez zigortuta ez dagoen herrialdeetan ere, abortatzeko zailtasunak hesi dira oraindik. Hiru oztopo nagusik eragotzi ohi dute legea betearaztea: kontzientzia eragozleek, abortuak egiten dituzten ospitaleetara iristeko distantziak eta informazio faltak. Amnesty Internationalek iaz argitaratutako txosten baten arabera, horren erakusgarri ona da Argentinako Salta probintzia: 1,3 milioi biztanle ditu, eta berrogei mediku baino ez daude han abortuaren alde. Miranda Ruiz da horietako bat, eta, haren kasua artxibatua badago ere, 2021eko abuztuan zigortu egin zuten —baita atxilo eduki ere ordu batzuetan—, zergatik-eta legeak dioen bezala abortatzeko eskubidea bermatzeagatik. Gaur-gaurkoz, Erdialdeko Amerikan eta Kariben bost herrialdetan dago kasu guztietan debekatuta abortatzea: El Salvadorren, Haitin, Hondurasen, Nikaraguan eta Dominikar Errepublikan. Latinoamerikako beste hamar herrialdetan, kasu jakin batzuetan bakarrik ez da legez zigortzen abortatzea: emakumea bortxatu badute, edo haren bizia salbatzeko nahitaezkoa bada abortatzea —Costa Rica, Guatemala, Paraguai, Peru, Venezuela, Bolivia, Txile, Panama eta Ekuador—. Bi kasu horietaz landa, hala haurdun dagoen emakumeak nola abortua egin dioten mediku eta laguntzaileek kartzelara joateko arriskua izaten dute. Aitzitik, herrialde hauetan baino ez dago modu librean abortatzerik: Kuban 1961etik, Puerto Ricon 1973tik, Guyana Frantsesean 1975etik, Guyanan 1995etik, Uruguain 2012tik, Argentinan 2020tik eta Kolonbian 2022tik. Eskubide hori, beraz, Kolonbian onartu dute berrikien, eta segur aski guztiz legeztatzear daudenen artean, berriz, Mexiko dago. Gaur egun, Mexikon egoera oso ezberdina da estatu batetik bestera. Argentinan, Haurdunaldia Norberaren Borondatez Eteteko Legeak bi urte eta erdi darama indarrean, baina gaur egun oraindik, non bizi eta zenbat informazio eduki eskura, asko aldatzen da abortatzeko aukera, nahiz eta legea onartu zenetik gero eta zentro gehiagok bermatzen duten eskubide hori baliatzeko aukera. Alejandra Coll Agudelo abokatua eta intzidentzia aholkularia da Ugalketa Eskubideen Latinoamerikarako eta Kariberako Zentroan, eta, dioenez, eskualde hartako zenbait herrialdetan gertatzen da hori: «Abortatzea baimenduta egon arren, legea baliatu nahi dutenek mugak dauzkate. Adibidez, Kolonbiako emakume askok ez dakite beren herrialdean abortatzea ez dagoela zigortuta duela urtebetetik». Nazio Batuen Populazio Gaietarako Funtsaren arabera, nahi gabeko haurdunaldietan munduko tasarik handienetakoa dute Latinoamerikak eta Karibek. Era berean, 15 eta 19 urte bitarteko nerabeen artean, haurdunaldia da hiru heriotza kausa nagusietako bat eskualde hartan, eta, 15 urtetik beherako nerabeetan, 20 urtetik gorakoena halako hiru da haurdunaldiari lotutako kausengatik hiltzeko arriskua. 2022an, Latinoamerikan 670.000 abortu inguru egin ziren segurtasunik gabe 15 eta 19 urte bitarteko nesken artean. Gainerakoan, haurdunen heriotza tasa handiagoa da munduko lekurik pobreenetan eta gatazka eremuetan, eta modu arriskutsuan abortatzeak dakartzan konplikazioak dira heriotza kausa printzipaletako bat. Diru sarrerekin, heziketarekin eta jatorri etnikoarekin lotutako desorekek, gainera, handitu egiten dute arrisku hori. «Latinoamerika desoreka handiko kontinente bat da; hori dela eta, emakumerik arrazializatuenentzat, edo pobretuenentzat, neskatila eta neska nerabeentzat, zailagoa da abortatzea», azaldu du Coll Agudelok. «Eta, hain zuzen, informazioa lortzeko eta osasun zerbitzuez baliatzeko aukera berberak ez daudelako da hori. Gainera, hor dago kontzientzia eragozpenaren kontua ere. Gure kontinentean, zigor zuzenbideak erabat baldintzatzen du; horren beldurrak desinformazioa eta estigmak sortzen ditu, baita osasun langileen artean ere, eta langile horiek nahiago izaten dute kontzientzia eragozle direla esan, lege arazorik ez izateko». Zera ere aipatu du abokatuak: «Bestelako estigmek ere eragiten diote abortuaren auziari, eta, horren ondorioz, jendeak ez du ikusten benetan den bezala, hots, osasun prozedura gisa. Hori dela medio, azkenean osasun langileek esaten dute kontzientzia eragozleak direla, edo salaketak jartzen dituzte, nahiz eta, berez, babesten dituen sekretu profesional hori gorde beharko luketen». Mespretxatua izateko beldurra eta norberaren komunitateak gaitzetsia izateko beldurra dela eta, emakume askok erabakitzen dute beren kabuz abortatzea, ingurukoen laguntzarik gabe. Marta Lamasek, Entre el estigma y la ley: La interrupción legal del embarazo en el DF liburuaren idazleak (Estigmaren eta legearen artean: haurdunaldia legez etetea DFn), uste du gauzak gehiegi sinplifikatzearen ondorioz sortzen direla estigmak, eta abortua ez dela salbuespena alde horretatik. «Nahi gabeko haurdunaldi bat eteten duten emakumeak eta haiek artatzen dituzten profesionalak kriminalizatzea, hain zuzen, estrategietako bat da abortuari legitimitatea kentzeko; Eliza katolikoaren irakaspen dogmatikoetan gerizatzen diren talde fundamentalistek baliatzen dute estrategia hori». Manuelaren kasua Manuelaren kasua, ordea, mundu guztian zabaldu zen, eta mugarri bat ezarri zuen: larrialdi obstetriko bat izan zuen, eta 30 urteko kartzela zigorra ezarri zioten, giza hilketa leporatuta. 2021aren bukaeran, Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarrak erruduntzat jo zuen El Salvadorko Estatua, Manuelari eskubide hauek urratzeagatik: askatasun pertsonalerako eskubidea, berme judizialak edukitzekoa, legearen aurrean besteen berdina izatekoa, bizitzekoa, eta osotasun pertsonala, bizimodu pribatua eta osasuna izateko eskubideak. Eta haren familiari osotasun pertsonalerako eskubidea urratzeagatik ere jo zuten erruduntzat estatua. Epaian, esan zuten Manuelak baliabide ekonomiko apalak zituela, analfabetoa zela, eta landa eremuan bizi zela familiarekin batera. 2008ko otsailaren 27an, larrialdi obstetriko bat izan zuen, eta San Francisco Gotera ospitalean artatu zuten. Medikuek ondorioztatu zuten erditu osteko preeklanpsia larri bat izan zuela, baita anemia ere, odol ugari galdu izanaren ondorioz; hortaz, Poliziari deitu, eta abortatzeagatik salatu zuten Manuela. Atxilotuta zeukatela, berriz, Hodgkinen linfoma diagnostikatu zioten, baina berandu eta modu irregularrean tratatu zioten; horren ondorioz, hil egin zen azkenean, 2010eko apirilaren 30ean. Sententzian, batzordeak argi utzi zuen sekretu profesionalak nagusitu behar duela, baita abortua erabat zigortzen den lekuetan ere, El Salvador barne; eta, horrez gainera, El Salvadorri agindu zion «bere arauak moldatzeko, sekretu profesionala gailendu dadin», Coll Agudelok dioenez. «Horrek egoera juridikoetan pentsatu beharraren zamaz libratzen ditu profesionalak, hartara ez baitute pentsatzen ibili beharrik salaketa jarri edo Poliziari deitu behar ote dioten. Abortua kasu guztietan zigortuta dagoen lekuetan, emakume batek galera obstetriko bat izanez gero —hori edozein emakumeri gerta dakioke—, eta susmoa pizten bada abortatu egin duela, orduan kartzelatua izateko arriskuan egongo da emakume hori». Abortuaren aldeko manifestazio bat Caracasen. Miguel Gutierrez, EFE Legea onartuta, estatuek hura betetzen dela bermatu behar dute, sexu eta ugalketa osasunerako zerbitzuen parte diren baliabide jakin batzuk erabiliz; baliabide horietaz baliatu ahal izateko, ordea, estatuak inbertsio handia egin behar du, batez ere hiriguneetatik urrunen dauden lekuetara iristeko. Argentinako Salta probintzian, hogeigarren astera arte baizik ez dira onartzen haurdunaldia legez eteteko kausak —bosgarren hilabetera arte—; herrialdearen gainerakoan, berriz, ez dago epemugarik horrela abortatzeko, eta haurdunaldia norberaren borondatez etetea, berriz, hamalaugarren astera arte bermatuta dago. Haurdunaldia legez eteteko Saltan dagoen muga horrek, beraz, Haurdunaldia Norberaren Borondatez Eteteko 27.610 Legea urratzen du, zeren lege horrek ez baitu epemugarik ezartzen legezko abortuetarako, hau da, haurdun dagoenaren bizia edo osasuna arriskuan dagoenerako eta emakumea bortxaketa baten ondorioz haurdun geratu denerako. Bestalde, probintzia hartan hainbeste kontzientzia eragozle daudenez eta leku gutxitan egiten dituztenez abortuak, sistema gainezka dago, eta, batzuetan, horrexegatik ez dira betetzen epeak. Eta arazo hori are larriagoa da probintziaren barnealdean. Sofia Fernandez Saltan bizi da. Legez, Modu Seguruan eta Doan Abortatzeko Eskubidearen Aldeko Kanpaina Nazionalaren bultzatzaile da probintzia hartan, eta iruditzen zaio Saltan desoreka handiak daudela: «Ez baitago osasun langilerik probintzia osoan abortua bermatzeko; hortaz, non bizi zaren eta zer aukera duzun beste norabait joateko, horren mende zaude. Auzi politikoa da. Mediku gehiago trebatu eta kontratatu beharko lituzkete praktika hori bermatzeko. Erlijioaren eragina Latinoamerika izugarri erlijiosoa da oraindik ere —sinestunak %75 baino gehiago dira herrialde gehienetan—, eta, sinesmen askotarikoak egonagatik ere, bakar batek ere ez du onartzen abortua; hala eta guztiz, zenbait ikerlanek erakutsi dutenez, fededunek abortuaren inguruan duten jarrera ez dator beti bat erlijio hierarkien jarrerarekin. Conicet organismoko ikertzaile batzuek (Argentina) txosten bat argitaratu dute erakusten duena ezen erlijiosotasunak —edo erlijiorik ezak— eragina izan baduela abortuaren inguruko jarreran, baina ez dela beti erabakigarria. Alde horretatik, aztertu dituzten erlijioen artean, bakar batean ere ez zuten jarraitzaileen %50ek baino gehiagok uste abortatzeak debekatuta egon beharko lukeela egoera guzti-guztietan. Abortatu ala ez erabakitzeko garaian erlijioak duen pisuari dagokionez, egia da herrialdeko probintziarik erlijiosoenetakoa dela Salta, baina Fernandezek lehen adierazitakoa berretsi du: «Egia esan, ezusteko atsegina izan da ikustea zenbat emakumek abortatu duten 2018an kanpaina hasi genuenetik; emakume horiek, 18 eta 30 urte bitartekoak batez ere, armairutik atera dira, erlijioaren fundamentalismotik. Iruditzen zait zerikusi handiagoa duela estatuaren sistemarekin, funtzionarioekin, medikuekin eta borondate politikoarekin, probintzia honetan gizarte gisa gertatzen zaigunarekin baino, nahiz eta katolizismoak eragin handia izan hemen». Duela aste batzuk, argitara atera zen Saltako Unibertsitate Katolikoak diplomatura bat sortu duela legezko abortuak eragozteko. «Obsesionatuta daude. Diplomatura horren helburua da jendea trebatzea haurdun dauden emakume kalteberak konbentzitzeko ez dezaten abortatu, aldi berean halako heroi karga bat ezarririk ama izatea erabakitzen dutenen gain. Erditzera bultzatzen dituzte; esaten diete dena ondo aterako dela, eta, gero, bakar-bakarrik uzten dituzte. Halako eragina daukate, ezen, duela egun batzuk, ohar bat aurkeztu behar izan baikenuen botere legegilearen organoan, bertan behera utz zezaten haien eskaera bat, diputatuen ganberak lehen onespena emana ziona; bertan, eskatzen zuten men egiten dieten erakunde sozialetako kideak sar zitezela —medikuak ez diren kideak— osasun sistemako haurdunaldien inguruko kontseilaritzetan, eta haien jardunak ez zezala eduki ez erantzukizun zibilik eta ez penalik». Argentinan, nolanahi dela ere, kanpaina funtsezkoa izan da legea onesteko, baita bermatzeko ere lege hori herrialde guztian betearaziko dela. Kolektiboetako kideak oinarri-oinarrizkoak dira tartean diren eragileek elkarrekin hitz egiteko bideak urratzeko eta behar den guztietan presio egiteko.
2023-8-4
https://www.berria.eus/albisteak/231474/madril-itpren-kapitalean-sartu-da-indraren-bitartez.htm
Ekonomia
Madril ITPren kapitalean sartu da, Indraren bitartez
Euskal enpresaren %9,5 erosi du Espainiako Gobernuak kontrolatzen duen taldeak. Armagintzarekin loturiko egitasmoetan batera aritzea adostu dute.
Madril ITPren kapitalean sartu da, Indraren bitartez. Euskal enpresaren %9,5 erosi du Espainiako Gobernuak kontrolatzen duen taldeak. Armagintzarekin loturiko egitasmoetan batera aritzea adostu dute.
Pisuzko mugimendua defentsaren sektorean. Espainiako Gobernua ITP Aero euskal enpresaren kapitalean sartu da, akzioen %9,5 erosita, Indraren bitartez. Armagintzaren sektoreko Espainiako konpainia nagusietako bat da Indra, eta Espainiako Estatuak kontrolatzen du, %28rekin. Mugimendu estrategikotzat jo dute erosketa. Ukrainako gerrak Europa berrarmatzea eragin du, bereziki NATOko kide diren herrialdeak, eta handitu egin dituzte defentsara bideratutako aurrekontuak. Espainiak 5.000 milioi euro gehiago jarri ditu aurtengo aurrekontuetan. Europako Batasuna armak modu bateratuan erosten ari da lehen aldiz, eta abian jarri ditu sektorea indartzeko programa berezi batzuk. Diru laguntza horien guztien parte bat erakartzeko mugimendua litzateke Madril bultzatzen ari den enpresa kontzentrazioa eta enpresa horien kapitalean sartzea. «ITP Aero kapitalean sartzea funtsezko urratsa da Indraren hazkunde estrategia berrian, Espainiako defentsa sektorearen enpresa bultzatzaile handi bihurtzeko, gure herrialdearen autonomia estrategikoa eta subiranotasun teknologikoa bermatzeko», adierazi du Marc Mutra Indrako presidenteak ohar batean. ITP Aerok 1.047 milioi euro fakturatu zituen iaz, eta horietatik %20 armagintza atalari dagozkio. «Euskal enpresa hazi eta hazi ari da, abiazio zibila suspertu delako eta defentsa negozioan eskari handia dagoelako», azaldu du Carlos Alzolak, konpainiako zuzendari nagusiak. Armagintzaren negozioa Erabakiak ez du inor ezustean harrapatu. Indra aspalditik ari baitzen ITP Aeroren zati bat erosi nahian. Azkenean, hasieran nahi zuen baino pisu gutxiagorekin parte hartuko du. %25 eskatu zuen, eta %9,5 izango du, 175 milioi euroren truke. Administrazio kontseiluan eserleku bat izango du. Bi enpresek ekainaren 30era arteko muga jarri zuten ados jartzeko, baina negoziazioak aste batzuk luzatu dira. Epea bete baino egun batzuk lehenago, hurbiltze seinaleak erakutsi zituzten. Aldi baterako enpresa elkarte bat sortu zuten, Espainiako Defentsa Ministerioaren 80 milioi euroko kontratu bat eskuratzeko. Armagintzaren sektorean bi enpresen arteko kolaborazioa ez da egitasmo horretara mugatuko. Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari (CNMV) ostiral honetan bidali dioten informazioaren arabera, akzioen erosketarekin batera lankidetza hitzarmen bat sinatu dute FCAS Europako programako deialdietara batera aurkezteko. Egitasmo horrek Europako aire gerra-sistema berria diseinatzea du helburu. Eusko Jaurlaritza, adi ITP Aero, hain zuzrn, Bain Capital inbertsio funtsaren esku geratu zen 2022ko irailean, Rolls Royceren akzioak erosi zituenean. Orain, konpainiaren %75,5 izango du. Bigarren akziodun nagusia JB Capital funtsa izango da (%10), eta Indra hirugarrena (%9,5). Eusko Jaurlaritzak %6 izango du, eta Aperribai familiaren Sapa Placencia armagintza enpresak %5 —Indraren parte ere bada—. Bain Capital ITP Aeroren akziodun nagusi bihurtu eta gutxira, Eusko Jaurlaritzak ITP Aeroren kapitalean berriz sartzea erabaki zuen, Finkatuz funtsaren bidez, enpresa Euskal Herrian errotzen dela bermatzeko, inbertsio funtsen kasuan ohikoa izaten baita enpresak erostea eta urte gutxira saltzea. 1989. urtean sortu zuten ITP Aero, besteak beste Eusko Jaurlaritzaren, Espainiako Gobernuaren eta Sener ingeniaritza enpresaren babesarekin. Eurofighter Typhoon gerra hegazkinaren motorra garatzeko nazioarteko programa baten harira sortu zuten. 2016az geroztik, Rolls Royce zuen akziodun bakar. Indrak 2019an egin zituen lehen urratsak kapitalean sartzeko. Indraren itzal luzea Garraioetan, telekomunikazioetan eta energia sektorean aritzen da Indra, baina adar militar oso inportantea du, eta horri lehentasuna emateko mugimenduetan ari da haren akziodun nagusia, Espainiako Gobernua —akzioen %28 ditu—. Haren ekimenez, iazko udan aldaketa esanguratsuak egon ziren konpainiaren administrazio kontseiluan. Kargutik kendu zituzten bost kontseilari independente, ez ziotelako babesik eman konpainiako buruak gidatu nahi duen aldaketari. Eta beste hiruk kargua utzi zuten, protesta gisa. Kargugabetze horretan, Madrilek bi aliatu izan zituen: Joseph Oughourlianen Amber funtsa eta Andoaingo Sapa. Ondorioz, Indrako kontseiluan sartu zen Jokin Aperribai Sapako buru eta Realeko presidentea. Indran zuen parte hartzea %5etik %8,5era handitu zuen 2021ean.
2023-8-4
https://www.berria.eus/albisteak/231475/osakidetzak-dokumentazioa-aurkezteko-leihatiletako-ordutegiak-luzatu-eta-prozesua-erraztu-du.htm
Gizartea
Osakidetzak, dokumentazioa aurkezteko leihatiletako ordutegiak luzatu, eta prozesua erraztu du
Osakidetzak jakinarazi du 2018/19ko oposizioetako emaitzak argitaratu dituela
Osakidetzak, dokumentazioa aurkezteko leihatiletako ordutegiak luzatu, eta prozesua erraztu du. Osakidetzak jakinarazi du 2018/19ko oposizioetako emaitzak argitaratu dituela
Osakidetzak, ospitale batzuetako leihatila ordutegiak luzatu, eta dokumentazioa entregatzeko modua sinplifikatu du, oposizioetarako aurkeztu behar dutenentzat. Horrela, luzatu egin ditu Arabako, Basurtuko (Bizkaia), Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzetako (Bizkaia) eta Donostialdeko ESI erakunde sanitario integratuetako ospitaleetan dokumentazioa entregatzeko ordutegiak. Izena eman dutenek dokumentazioa aurkezteko aukera izango dute abuztuaren 7tik aurrera, 08:00etatik 17:00etara, euskal osasun zerbitzuak ohar baten bidez jakinarazi duenez. Horretaz gain, Osakidetzak gogorarazi du hautagaiek erregistro orokorretan ere aurkez dezaketela dokumentazioa, hala nola Correosen bulegoetan eta beste administrazio publiko batzuetan. Gainera, tramiteak egiteko modua erraztu dute. Hemendik aurrera, dagokion formularioa erregistratu ondoren, hainbat kategoriatarako dokumentazioa duenak behin bakarrik aurkeztuko du bere dokumentazioa. Tramite hori sistema baten bidez egingo da. Horrela, dokumentazioa behin aurkeztuta, hautagaiak hainbat kategoriatako azterketak egin ahal izango ditu. Gainerako dokumentazioa aurretik baliozkotuta eduki eta nortasun agiriaren kopia soilik aurkeztu behar dutenei dagokienez, Osakidetzak zuzenketa mekanismoa erabiltzea erabaki du. Ondorioz, hautagaiek ez dute nahitaez aurkeztu beharko dokumentu hori. Horrela, Osakidetza arduratuko da oposizioak egiteko izena eman dutenei nortasun agiria aurkezteko eskatzeaz, dokumentazio hori egiaztatu behar bada. 2018/19ko LEPen emaitzak Osakidetzak jakinarazi du dagoeneko argitaratu dituela 2018/19ko Lan Eskaintza Publikoko 41 lanbide kategorien emaitzak. Horretaz gain, gehitu du hurrengo hilabeteetan jakinaraziko dituela azken LEPan eskainitako plazen deialdietako behin-behineko emaitza guztiak.
2023-8-6
https://www.berria.eus/albisteak/231476/zientziaren-bideetan-zentinela.htm
Gizartea
ZIENTZIAREN BIDEETAN ZENTINELA
EHU Euskal Herriko Unibertsitatean izen ezinbestekoak dira biak. Kultura zientifikoaren sustatzaile nekaezina da Juan Ignacio Perez Iglesias; zientziak ekarritako auzi etiko askori zoli begiratu die Itziar Alkortak. Zientziaren aurrerabideez mintzatzen dakite, eta paradoxez.
ZIENTZIAREN BIDEETAN ZENTINELA. EHU Euskal Herriko Unibertsitatean izen ezinbestekoak dira biak. Kultura zientifikoaren sustatzaile nekaezina da Juan Ignacio Perez Iglesias; zientziak ekarritako auzi etiko askori zoli begiratu die Itziar Alkortak. Zientziaren aurrerabideez mintzatzen dakite, eta paradoxez.
Elkarrekiko txera eta konfiantza argia izan da lehen solasetatik. EHU Euskal Herriko Unibertsitatean hezi eta zaildutako akademikoak dira Itziar Alkorta Idiakez eta Juan Ignacio Perez Iglesias; biek egin zituzten ikasketak unibertsitatean, eta biek ardura postu garrantzitsuak izan dituzte bertan. Ez dakite ondo elkar noiz ezagutu zuten ere. «Nik Iñako betidanik ezagutzen dut», adierazi du Alkortak: «Errektore bezala miresten nuelako». Egun zehatzik ezin dio jarri Alkortarekin izan zuen lehen enkontruari Perez Iglesiasek ere: «Nik irakurtzen nizkion zutabeak Euskaldunon Egunkaria-n. Neuk ere idazten nuen, gaurkotasunaz-eta; berak, zientziaz eta gizarteaz. Irakurtzen nizkion zutabeak: hori gogoratzen dut». Unibertsitateko jardunak usu lotu ditu. «Azkenean, unibertsitatean ez gara hainbeste. Egia da milaka garela, baina gero aktibo ibili garenok ez gara hainbeste», esan du Perez Iglesiasek. Jakiunde zientzia, arte eta letren akademiak ere batzen ditu orain: lehendakaria da Perez Iglesias eta kide urgazlea Alkorta. Jakintzaren iturri ezberdinetatik edaten dute: Zuzenbide Zibila da Alkortaren arloa; Fisiologia, Perez Iglesiasena. Bakoitzak bere bidetik, zientziaren erronkei eta auzi etikoei zoli erreparatu diete beti. Horrek ere batzen ditu. Letren mundukoa bata; zientzietakoa bestea. Biek ere ondo lausotzen dakizue bi jakintza arloen arteko aldea. Badira aski plaza solas bateratuetarako? JUAN IGNACIO PEREZ IGLESIAS: Diziplinen artean berez badira desberdintasunak, batez ere metodoari dagokionez. Letren edo zientzia juridikoen kasuan, esango nuke hermeneutikoagoak direla: interpretazioan daude gehiago oinarrituta. Zientziak, gehiago esperimentuan edo eskarmentuan. Egia da batzuetan, kultura desberdin horiengatik, elkarrizketa zaila izaten dela. ITZIAR ALKORTA IDIAKEZ: Aspaldikoa da letren eta zientzien arteko arrakala hori, nik ez dut horretan sinesten, baina egia da praktikan arrakala hori badagoela, eta gaur ikerketaren munduan gizarte zientzietakoak garenok bizi duguna da gure zientzia ikuspegiaren alboratze bat. Hor badira gaur egun erronka batzuk izugarri konplexuak direnak; esaterako, aldaketa klimatikoa, edo bizi izan dugun pandemia, non demostratu baita horiei aurre egiteko beharrezkoak direla ikuspegi ezberdinak, eta zientzia zein diziplinarteko lankidetza. Horrek itxaropen apur bat ematen dit; gizarteak benetan baloratuko dituela gizarte zientzien eta humanitateen ikuspegi horiek. PEREZ IGLESIAS: Barkatu, Itziarrek adierazi duen ikuspegiak niri beti eman dit atentzioa gure aldetik kontrako ikuspegia dugulako. Honekin ez dut esan nahi gure aldean arrazoia dugunik, baina guri iruditzen zaigu zientziaren ikuspegia ez dela inoiz kontuan hartzen; zientzia esperimentalen ikuspegia. Alderantziz, iruditzen zaigu gehiago hartzen dela kontuan gizarte zientziena. Eta argi dago biak batera ezin direla egia izan, eta, denok garenez inteligenteak, bada, hor gaizki ulertu bat dago, eta niri gaizki ulertu hori iruditzen zait oso interesgarria dela, oso emankorra izan daitekeelako, ataka horretatik ateratzen bagara. Gure ikuspegia da, aldiz, eztabaida publikoan zientziak eta teknologiak ez dutela batere presentziarik. Izaten dira salbuespenak: bat izan zen pandemia. Dena zen zientzia. Eta hor arazo larrienak ez ziren zientziarekin lotutakoak. Beste kontu asko ziren ikuspuntu psikologiko, juridiko, soziologikotik lantzekoak... Gogo kolektiboan ez zeuden, eta oso inportanteak ziren. Talaia aski egokiak dituzue biek ere zientzia komunitatea egun nora begira dagoen jakiteko. Zer ikusten duzue? PEREZ IGLESIAS: Nik uste dut zientzia komunitatean dauden kezkak eta ardurak gizartean dauden berberak direla, baina desberdina da nola baloratzen diren, zein begiradarekin ikusten diren. Jakiunden, esaterako, nik aurkitu dut bere gaiari buruz gehien dakien jendea, nik ezagut ditzakedan horien artean. Eta askotan harritzen nau zer ikuspegi bitxia duten: zer desberdina den dakitenek daukaten ikuspegia. Beraz, iruditzen zait jauzi handi bat dagoela; begiradan, gauzak ulertzeko moduan, aztertzeko moduan. Eta uste dut hori dela gure gizarteak daukan erronka bat; saiatu beharko ginatekeelako distantzia hori gainditzen. Baina ez da erraza. Nik ez dut uste ezagutza denik jendeak maite duen ondare bat. Inpresio hori dut. Orduan, nola jokatu behar dugu ezagutza gizarteratzeko? Alde hori gainditzeko? Aitortu behar dut oraindik ez dugula asmatu. Iruditzen zait ezagutza faktoriak mundu batean bizi garela, eta gizartea, beste batean, nahiz eta kezkak askotan berdinak diren. Esan duzu zientzia komunitateak dituen kezkak, oro har, gizartearenak direla. Baina zientzia komunitatearen jarduneko hainbat irizpide lotuta daude barne funtzionamendu jakin batekin: etengabe artikuluak argitaratzeko presioa, dirua lortzeko baldintzak bete beharra, interesak... Ezin dugu ukatu horiek guztiek baldintzatzen dutela ikertzaileen begirada, ezta? PEREZ IGLESIAS: Erabat, noski. Zientziarena da sistema bat gaixorik dagoena; ez du ondo funtzionatzen, guztiz disfuntzionala da. Jaten ditu jan beharko lituzkeen baliabideak baino gehiago. Zertarako? Esan duzu, artikulu zientifikoak argitaratu behar ditugu, hori delako gure neurgailua, gauza guztietarako: finantzaketa lortzeko, promozioak lortzeko, lanbide bat aurkitzeko... Horrek pozoitzen du sistema. Badaude, baita ere, agenda politikoan ikerketara begira sartzen diren lehentasunak, eta horiek ere eztabaidagarriak dira. Gertatzen dena da horiek, nolabaiteko berme demokratikoa dutela, baina ez nuke esango askotan modek-eta ez dutenik eraginik: modek ere badute eragina. Ikerketa munduan gabiltzanok ditugun interesek ere jokatzen dute. Azken batean, nortzuk daude aholku organoetan? Gu. Nik beti esaten dut: kexatzen gara, baina nork sortu du sistema hau? Guk. ALKORTA: Erabat ados. Hainbat eta aipu gehiago, hainbat eta inpaktu gehiago, geure karrera profesionaletarako aukera gehiago, eta, gainera, finantzaketa lortzeko atalase hobea. Horrek berak gurpil zoro bat sortzen du. Izan ere, zeure inpaktua eta influentzia kapazitatea handitu egiten da, eta zeuk baldintzatu egiten duzu zientzia politikaren inbertsio hori. Eta ez dugu ahaztu behar moda horiek, sistemaren baldintzatze horiek ere badakartela uniformizazio bat. Azken batean, molde bat aplikatzen zaigu, eta arrisku txikiko ikerketa bat dakar horrek: badakigu oportunismo horretan nola jokatu. PEREZ IGLESIAS: Egoera horretan oso erraza da pizgarrien sistema perbertso bat sortzea. Jendeak gero ez du jokatzen gauzak ondo egiteko, baizik eta ezartzen diren metrika horietan emaitza onak ateratzeko. Oportunismoa, interesak, molde baten araberako jardunbidea... Zientziaren ikuspegi neutroaren goresmena egiten da oraindik askotan. Guztiz puskatzen da hitz horiekin lotuta... PEREZ IGLESIAS: Zientzia neutroa, baliorik gabea, interesik gabea... Hori mito bat da. Pretentsio bat da, bere garaian positibismoak sustatu zuena, baina horrek ez dauka ez hankarik ez bururik. Nik uste dut hobe dugula onartzea gizakiak garela, eta gizaki bezala jokatzen dugula, eta interesak ditugula, balioak ditugula, aurreiritziak ditugula... Eta horren aurrean nola jokatu behar dugun definitu behar dugu, eta erabakiak hartzeko ere kontrol sistemak behar ditugu. Mito bat da zientziaren ikuspegi hori, baina oraindik usu erabiltzen den mitoa da, eta hauspotu ere egiten da komeni denean. PEREZ IGLESIAS: Noski, baina gizarteari hau jakinaraztea zaila da, eta, beste alde batetik, aldi berean, esan behar da: kontuz, honen alternatiba ez da ezereza, ez da esatea «denak balio du», anarkismo epistemologikoa. Orain arteko tresnarik onena hau da. ALKORTA: Erabat ados. Zientziaren soziologiak eta zientziaren antropologiak demostratu dute gizatalde honek badauzkala bere interesak eta badauzkala bere okertasunak eta dinamikak, baina hori esanda, daukagun hoberena ere badela adierazten dute zientziaren gaineko inkestek. Beste gauza bat da, eta uste dut hori ez dela bakarrik zientzialarien edo ikertzaileen erantzukizuna, zientziak eta teknologiak zer egin behar duten eta zer egin behar ez duten; hori gizarte osoaren erantzukizuna da, kontuz. Zientzia irizpideak oinarri, gizarte osoan eragina zuten erabakiak hartu ziren, adibidez, izurri urteetan. Legeen bidez ezarri ziren horietako asko. Zer lezio atera behar dira urte horietatik? ALKORTA: Arauak, legeak, teknologia bat direla esango nuke: gauzak egiteko modu bat. Funtziona dezakete ongi, erdi ongi edo gaizki. Metafora bat erabiliz; arauak izan daitezke botikak bezala, senda dezakete gaitz sozial bat, baina albo ondorioak ere izan ditzakete. Jurista asko konturatu ginen COVIDaren harira zein modu eskasean kudeatu genituen gure tresnak garai hartan. Eta nik uste dut konturatu garela zuzenbideak ere horrelako erronka baten aurrean ikasi egin behar duela, eta funtzionatu behar dugula zientzia bat izango bagina bezala: hobetu egin behar ditugula gure tresnak, ebaluatu egin behar ditugula, eta jokatu behar dugula, hobetze aldera, modu zientifikoago batean. Zein lezio gehiago nabarmenduko zenukete izurri urteetatik? PEREZ IGLESIAS: Hor badago defizit bat, botere publikoen aldetik, hartzen diren neurriak azaltzerako orduan: ez ziren azaldu. Segur aski batzuetan ez zegoelako azalpenik, edo ez zegoelako modurik azalpenak emateko. Edota bazegoenean ere, hartzen ziren erabakiak eta inork ez zuen esaten zergatik, edo batzuetan arrazoi irrigarriak ematen ziren. Hori, alde batetik. Beste alde batetik, zientzialarioi begira: erabakiak ez dira zientzialarionak, gu ez gara nor erabaki bat hartzeko. Elkarte zientifiko askok sinatu zuten zera batean esan zuten: «Ez dakizue zer egiten ari zareten, gaizki ari zarete, eta egin behar duzue nik esaten dizuedana». Mesedez, ez. Zientzialariak ez dauka erabaki hori hartzeko erantzukizunik... Botere publikoei dagokie... PEREZ IGLESIAS: Botere publikoei dagokie, eta hori zientzia komunitatearen aldetik orduan ez zen ulertzen. Eta ni harrituta nengoen. Nola? Boterean dagoen batek hartu behar du kontuan zientzialariek esaten dutena, jakina. Baina jendeak nahi duena ere hartu behar du kontuan: jendearen interesak, ekonomiaren ibilbidea... Gauza asko baloratu behar dira. Iritzi ezberdinak egon daitezke, balio ezberdinak, interes ezberdinak jokoan, denak ere zilegiak. Hori neurtu behar duena politikaria da, erantzukizun politikoa duena. Amaitu da pandemia. Orain, indarrez heldu dira adimen artifizialarekin lotutako aurrerabideei buruzko albisteak, eta horiek ekarriko dituzten galderak lehen lerroan daude. Albiste horiek hedatzeko egon den eraz, izan duten trataeraz, zein iritzi? Itziar Alkorta Idiakez eta Juan Ignacio Perez Iglesias. Jagoba Manterola, FOKU ALKORTA: Hor kontuan hartu behar dugu halakoak marketin operazio handiak direla. Bai adimen artifizialak, bai aurretik bioteknologia produktuek ere, eskatzen dute ikaragarrizko inbertsioa, arrisku handiko abenturak izaten dira, eta horrela ulertzen erraza da hor finantzaketa lortzeko horrelako marketin operazio handiak behar direla aurretik. PEREZ IGLESIAS: Jaume Navarro zientzia historialariak hauei esaten die zientziaren promesak. Zientziaren historian horrelakoak behin baino gehiagotan gertatu dira. Mende honen hasieran esaten zitzaigun medikuntza pertsonalizatua ja heltzear zegoela. Oraindik itxaroten ari gara; badirudi baietz, baina gauzak ez dira lehen esaten zen bezain zuzen eta errazak. Hori baino lehen, aurreko mendearen lehen zatian, erradioaktibitatearen promesak zeuden. Orduan, hortzak garbitzeko pastak eta dena egiten ziren erradioaktibo, teorikoki hortzei distira emateko. Gero sekulako arazoak sortu zituzten, noski; baina garai hartan promesa zen erradioaktibitateak emango ziguna. Horrekin batera dago: horien aurrean nola jokatu behar dugu? Lasai eta patxadaz jokatu behar dugu, urduri jarri gabe. Jendea oso urduri jarri da ChatGPtrekin [adimen artifizialeko erreminta, aurten ezagutzera emana]. Ez gaitezen urduri jarri, baina has gaitezen pentsatzen hau nola arautu behar dugun, zelako neurriak hartu behar ditugun. Tentazioa izan daiteke: debeka dezagun. Ez. Hori ez. Beti egongo dira horiek sortu, garatu eta erabiliko dituztenak. Egin behar duzuna da alde onak baliatu, eta txarrak kontrolatu. Beti egongo da tentsio bat, ez da inoiz izango perfektua. ALKORTA: Giza adimena aldatzen ari bagara, geure burua ikusteko, geure bizitza aldatzeko modua errotik aldatzen ari bagara, ez al ditugu galdera sakonagoak egin behar? Zenbateraino interesatzen zaigu teknologia hau? Zenbateraino gaude prest aldaketa horri aurre egiteko? Zein erritmotan egin behar dugu hori? Badaude ikuspegi kritikoak esaten dutenak arriskuen kudeaketa ez dela nahikoa, egin behar dela benetan gizartearen inplikazio eta galdeketa handiago bat. Gizarteak nola parte hartu behar du eztabaida publiko horretan? Zeinena da erabakia? Politika zientifikoak nork erabakitzen ditu? Adituen kontua izan behar du? Edo gizarteari beste modu batera galdetu behar diogu? Nik uste dut benetan presazkoa dela gizartearen inplikazioa politika zientifikoan: presazkoa. Premiatsua da. Mende hasieran ere, giza genomarekin-eta lotutako aurkikuntzak ozen hauspotu ziren, eta orduan ere esan zen gizarteak parte hartu behar zuela. Aurreratu da gizarteari hitza emateko ildoetan? ALKORTA: Nire ikuspegia ez da positiboa. Oraindik ere gizarteak pentsatzen du adituek edo batzorde etikoek hartu beharreko erabakiak direla, eta kasu puntualetan, bai: proiektu konkretuetan. Baina teknologia hauek duten inpaktua kontuan hartuta, non aurrera egin, non aurrera ez egin, eztabaida publikoan egon behar den zerbait da; honek geure bizitza asko aldatu eta baldintzatzen duelako. Esango nuke badaukagula aurretiazko gogo bat, gizarte bezala, eta hau aurrerapenaren ideia famatua da, teknologiak onartzeko: «Moldatuko gara, adaptatuko gara, albo ondorioak nolabait eramango ditugu». Ikaragarri gustatzen zaizkigu gadget berriak, ikaragarri gustatzen zaigu teknologia berria. Hor badago gizartearen hondo bat esaten duena geure ongizatea eta aurrerapena teknologiaren araberakoa dela, eta beti egiten dugu teknologiaren aldeko apustu. Ez al da iritsiko momentu bat non teknologia horrek azkenean benetan sortzen dituen arriskuek geure iraunkortasuna bera auzitan jartzen duten? Noiz egingo dugu galdera hori? Eta noiz parte hartuko du benetan gizarteak galdera horretan? Nik uste dut iritsi dela momentua. PEREZ IGLESIAS: Nik ez dut ikuspegi bera gai hauei buruz; ehuneko ehun behintzat, ez. Egia da gizarteak parte hartu behar duela erabakietan, dudarik ez dago. Kontua da nola galdetu behar zaion, ea zuzenean galdetu behar zaion edo zeharka, bere ordezkarien bitartez. Baina hor erronka da benetan: gizarteak erabakiak har ditzake ez dakien gauza bati buruz? Hori da arazo bat, baina ez da bakarra. Itziarrek esan du beti egin dugula teknologiaren alde. Askotan bai, baina adibidez, bioteknologiaren arloan, ez. Europan, adibidez, ez. Eraldatutako bizidun transgenikoak debekatu egin ziren. Eta horren zailtasunaren irudi bat emateko, goazen 130 urte atzera. Gaur egungo irizpideekin autoak debekatuta egongo lirateke, erabat. Zergatik? Kalte asko sortzen zituztelako: jende asko hiltzen zutelako. Horregatik da gaia oso zaila; batetik, gizarteari galdetzean nolabait ere bermatu behar duzulako kultura zientifiko minino bat herritarren artean, eta hori bermatzea oso zaila da, eta, bestetik, ez dagoelako modu objektiborik jakiteko onurak eta kalteak nola ebaluatu behar dituzun kasu bakoitzean. ALKORTA: Nire galdera da ez bakarrik nola hartzen ditugun erabakiak, baita zer galdera egiten ditugun ere, zeren eta teknologia politikoa da: makinek ideologia dute. Eta hori jendeak ez daki. Aurreiritzi bat dago aldekoa, eta jendeak jakin behar du teknologia berriak inplementatzen direnean horrek adopzio batzuk jarraitzen dituela, eta modu askotan egin daitekeela, eta hor erabakimena behar dugu. Oso zaila da, baina gure teknopolis honetan gizarteak erabakiak hartzeko moduak behar ditu. Zientzia kultura behar da, gai horiekiko kontzientzia kritikoa. ALKORTA: Hori gabe ezin dugu aurrera egin. Behin informatuta gaudela, gobernantza sistema berriak, politika berriak asmatzeko garaian gaudela esango nuke. PEREZ IGLESIAS: Kontzientzia kritikoa lotuta dago pentsamendu kritikoarekin, eta pentsamendu kritikoa zer da? Ez da gauza guztien aurrean kritikoa izatea. Pentsamendu kritikoa da gauza bati buruz informazio desberdina hartzen duzunean kapaza izatea daukazunarekin, daukazun ikuspuntuarekin, kontrastatzeko eta beste ikuspuntu batera heltzeko. Gaitasun hori baduzu, pentsamendu kritikoa duzu; bestela, ez. Adimen artifizialaren istorio horretan, adibidez, ezinbestekoa da. Zerbait hartzen duzunean zure lehen galderak izatea: hau nondik dator? Iturria zein da? Zergatik? Zein interes daude honen atzean? Honen kontrako beste zer iritzi daude? Hain justu, adimen artifizialak erraztu egin du mezuak egin eta zabaltzeko era, faltsuak izan arren. Horrek eragin handia du. ALKORTA: Erabat. PEREZ IGLESIAS: Ni ez hain ezkorra horrekin. Hori gertatzen ari da ja, beste modu batera... ALKORTA: Bai, baina honekin beste potentzia bat du desinformazioak... PEREZ IGLESIAS: Bai, baina ni kontu honekin baikorra naiz; uste dut, esaterako, prestakuntza erakundeek ez badiote honi aurre egiten, bukatuta daudela. Hortaz, egin beharko diote. Prestakuntza erakundeekin zer esan nahi duzu? PEREZ IGLESIAS: Eskolak, unibertsitateak... Ez badiote horri arrakastaz aurre egiten, galduta daude. Zertarako behar dut unibertsitate bat, ez banaiz kapaz hortik ateratzen diren ikasleen maila benetan baloratzeko: esateko zer dakiten, zer ulertzen duten, zer ez; azkenean, merkatuak atzera botako dizkit. ALKORTA: Ni ez naiz hain optimista. Nire kezka da orain sare sozialen, informazioaren eta adimen artifizialaren alborapenarekin benetan gizarte zibila ahalge gera daitekeela horren aurrean; horregatik diot oso inportantea dela zientzia kultura sustatzea, ikuspegi kritikoa. Bestela, prestakuntza erakundeak ez dira nahikoa izango horri aurre egiteko. Zeren eta heltzen zaizkigu barru-barrura, indibidualki, mugikor baten bitartez: ez dago kontrasterik, ez da horretaz hitz egiten... Oso sarkorrak dira teknologia berriak, eta horren aurrean egon daitezkeen manipulazioak eta kutsadurak izan daitezke benetan larriak gizartearentzat. PEREZ IGLESIAS: Egia da erronka handia dela, egia da egoera arriskutsua dela, baina egia da, beste alde batetik, ezagutza ere badugula honen aurrean geure burua defendatzeko. Asmatuko dugu? Ez dakit. Baina fatalismoak ez dit ezertarako balio. Pentsatu behar dudana da gizarte eragileek erreakzionatuko dutela, dugula. Hor uste dut unibertsitateak, Jakiundek eta honelako erakundeek daukatela zeregin garrantzitsua. ALKORTA: Immunizatu behar dugu fake edo birusen aurrean; ezagutza plazak sortu behar ditugu, ezagutzaren plazetan eztabaida egin behar dugu honi buruz. Auzi etiko ugari aipatu dituzue, argitzen zailak. Tankerako zein gehiago datoz indartsu? PEREZ IGLESIAS: Ezagutzatik sor daitekeen edozein teknologiak ondorioak ditu. Itziarrek beste modu batera esan du: ideologia daukala. Niri hori, baieztapen bezala, apur bat fuertea iruditzen zait, baina ulertzen dut zer esan nahi duen, ondorioak ditu: ondorio sozialak, etikoak, politikoak. Eta ez gaude ohituta horiei buruz hausnartzen. Eta gero eta azkarrago sortuko dira auzi horiek? ALKORTA: Dudarik gabe, hori da joera... PEREZ IGLESIAS: Ez dakidana da izango al dugun hori guztia xurgatzeko eta prozesatzeko ahalmenik.
2023-8-5
https://www.berria.eus/albisteak/231477/trumpek-epailearen-aurrean-ukatu-du-2020ko-bozen-emaitza-iraultzen-saiatu-zela.htm
Mundua
Trumpek epailearen aurrean ukatu du 2020ko bozen emaitza iraultzen saiatu zela
AEBetako presidente ohiaren arabera, haren auzipetzea «aurkari politiko baten kontrako jazarpena» da. Fiskalak leporatzen dio azken presidentetzarako hauteskundeetan iruzur egiteko plan bat gidatzea.
Trumpek epailearen aurrean ukatu du 2020ko bozen emaitza iraultzen saiatu zela. AEBetako presidente ohiaren arabera, haren auzipetzea «aurkari politiko baten kontrako jazarpena» da. Fiskalak leporatzen dio azken presidentetzarako hauteskundeetan iruzur egiteko plan bat gidatzea.
Errugabe deklaratu du bere burua Donald Trump AEBetako presidente ohi eta Alderdi Errepublikanoko hautagaiak. Washingtongo auzitegi federal baten aurrean agertu zen atzo, eta ukatu egin zituen Fiskaltzak egin zizkion akusazioak. Ministerio publikoak egozten dio 2020ko bozen emaitza iraultzeko plan bat gidatzea eta AEBetako «demokraziaren oinarriak ahultzea». Epailearen aurreko bista AEBetako Kapitoliotik kilometro eskasera egin zuten. Hurbil zegoen epaituko diren gertaeren epizentroa. Trumpen jarraitzaileak Kapitoliora indarrez sartuta saiatu baitziren eragozten Joe Biden presidenteak hauteskundeak irabaztea, 2021eko urtarrilaren 6an. Aurreko egunetan, eta Kapitolioa hartzeko saiakera baino minutu batzuk lehenago, presidente ohiak ziurtatu zuen hauteskundeen emaitza iruzur bat izan zela. Jack Smith auzirako fiskal bereziak ondutako txostenaren arabera, Trumpek eta haren aliatuek adierazpen faltsuak egin zituzten, herritarrek sinets zezaten bozen emaitzak manipulatuta zeudela. Gainera, estatuko zenbait funtzionariori presio egin zieten beren alde egin zezaten, eta boto emaile zerrenda faltsuak aurkeztu zituzten, Bidenen garaipena zapuzteko. Akusazio horiengatik, fiskalak leporatzen dizkion delituen artean dira AEBei iruzur egiteko konspiratzea, herritarrei boto eskubidea ukatzea eta prozedura ofizial bat oztopatzea. Zigorrik handienak hogei urteko kartzelaldia ekar diezaioke presidente ohiari. «Amerikarentzat egun oso goibela da gaurkoa», esan zuen Trumpek auzitegitik irten ostean eta bere hegazkin pribatuan New Jerseyn duen golf klubera bidaiatu aurretik. «Aurkari politiko baten aurkako jazarpena da hau». Beste auzi batzuetan egin dizkioten akusazioak ere baztertu ditu Etxe Zuriko maizter izandakoak, aurreko hilabeteetan. Ukatu egin du boterea utzi ondotik dokumentu sekretuak gorde dituenik eta porno aktore bati egindako ditu ordainketekin lotutako dokumentuak faltsutu dituenik. Irekita dituen auzibideek ez dute eragotzi, ordea, Trumpek errepublikanoen hautagai nagusia izaten jarraitzea 2024ko presidentetzarako hauteskundeetan Bideni kargua lehiatzeko. Alderdi Errepublikanoko boto emaileen %47 prest agertu dira hura babesteko, Reuters eta Ipsos etxeek egindako inkestaren arabera. Presidente ohia da errepublikanoen primarioak irabazteko faboritoa, Ron DeSantis Floridako gobernadorearen aurretik. Aldiz, inkestak ondorioztatu du boto emaile errepublikanoen erdiek ez luketela haren alde bozkatuko auzitegiek errudun joko balute. Gauzak horrela, Alderdi Errepublikanoko ordezkari ezagun gehienek erabaki dute Trumpen aldeko ala kontrako jarrera argirik ez erakustea eta Bidenen gobernua kritikatzea, salatuz Justizia Departamentua Trumpen aurka erabiltzen ari dela. Presidente ohiak beste zitazio bat du abuztuaren 28rako, nahiz eta ez den beharrezkoa izango Trump bera auzitegira joatea. Egun horretan espero da epaiketarako data zehaztea.
2023-8-4
https://www.berria.eus/albisteak/231478/83ko-uholdeak-gogoratuko-dituzte-aste-nagusian.htm
Bizigiro
83ko uholdeak gogoratuko dituzte Aste Nagusian
Bilboko Konpartsek bostehun ekitaldi baino gehiago antolatu dituzte Aste Nagusirako. Betiko jarduerez gain, «berrikuntzekin» dator aurtengo programazioa.
83ko uholdeak gogoratuko dituzte Aste Nagusian. Bilboko Konpartsek bostehun ekitaldi baino gehiago antolatu dituzte Aste Nagusirako. Betiko jarduerez gain, «berrikuntzekin» dator aurtengo programazioa.
Berrogei urte pasatu dira Bilboko errekak gainezka egin eta urak hiria suntsitu zuenetik. Urteurrena aprobetxatuz, uholdeen inguruko oroimen ekitaldia izango da Bilboko Konpartsek antolatu duten ekitaldirik garrantzitsuena. Horretaz gain, bostehun ekintza baino gehiago antolatu dituzte abuztuaren 19tik 27ra bitarterako. Tradizio bihurtu diren ekintzez gain, berritasunak aurkeztu ditu Bilboko Konpartsen federazioak. «Egunez eta gauez egiteko, eta adin guztietarako ekitaldiak antolatu ditugu», aurreratu dute. Berretsi dute Aste Nagusian ez dutela erasorik onartuko, eta esan dute «oso adi» egongo direla. Urteroko «ezinbesteko» ekitaldien artean, lehiaketa gastronomikoa eta 25. Hiri Krosa aurkeztu dituzte. Berrikuntzen kasuan, skate, rap eta hip-hop lehiaketak gehitu dituzte programaziora. Bederatzi egunez ospatuko diren jarduera guztien berri emateko, aplikazio bat sortu dute. «Aurten ere sakelarako aplikazioa sortu dugu, programazio eta jakingarri interesgarrien berri emateko. Aurten, baina, aplikazioa ez dugu Google Storen eta App Storen jarriko. Arrazoi etiko eta praktikoengatik», zehaztu dute. App.bilbokokonpartsak.eus helbidean eskuratu daiteke informazioa. Euskarri digitalaz gain, paperezko aukera ere eskaintzen dute: programazioa eta informazioa batzen dituen 15.000 liburuxka atera dituzte. 1983ko abuztuaren 26an izan ziren uholdeak Bilbon. Egun haietan Bilboko Konpartsek hiria txukun uzteko egin zuten «lan ikaragarria» azpimarratzeko asmoz, konpartsek Elkarlan Uholdeak kanpaina egin dute aurten. Kanpaina amaitzeko, «oroimen ekitaldi hunkigarria» antolatu dute abuztuaren 26rako; 13:00etan izango da, Plaza Barrian. Hainbat lekuko eta artistaren ekarpenak gidatuko dute ekitaldia. Uholdeen harira, horien irudiak apaindutako edalontzi berrerabilgarriak egin dituzte. Urteurrenaren egunean salduko dira edalontziak, abuztuaren 26an. Xabi Aburruzagak egin du txupineren abestia. Ekitaldi «garrantzitsuekin» jarraituz, abestia aurkeztuko du ostegun eguerdian, Txupineren Egunean. «Txupinera guztien omenaldi abestia izango da, baina, batez ere, Lurdes Luqueren omenezkoa: konpartsen federazioko lehendakari eta txupinera izandakoa, aurten zendua», adierazi dute.
2023-8-4
https://www.berria.eus/albisteak/231479/esk-k-isekatzat-hartu-du-osakidetzak-erizainentzako-jorratu-duen-gida.htm
Gizartea
ESK-k «isekatzat» hartu du Osakidetzak erizainentzako jorratu duen gida
Sindikatuaren ustez, Osakidetzak «irudi garbiketa» egin nahi izan du hartutako neurri horren bidez.
ESK-k «isekatzat» hartu du Osakidetzak erizainentzako jorratu duen gida. Sindikatuaren ustez, Osakidetzak «irudi garbiketa» egin nahi izan du hartutako neurri horren bidez.
Azken egunotan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako EAG etengabeko arretako guneetan lan egiten duten langileek salatu dute sarritan medikurik gabe kudeatzen dituztela gune horiek. Egoera horren aurrean, Osakidetzak erizainentzako gida bat jorratu du, medikurik ez dagoen etengabeko arreta guneetan pazienteen balorazioak eurek egin ditzaten. Gida horren bitartez, aurrerantzean erizainek segurtasun juridikoa izango dute erabakiak hartzeko garaian. Horrela, erizainek pazienteen larritasuna neurtuko dute, eta, horren arabera, erizainak erabaki jakin batzuk hartu ahal izango ditu. Hala ere, protokolo hori medikurik ez dagoenean soilik erabili ahal izango dute. Hala, ESK sindikatuak Osakidetzak hartutako erabakia salatu du: «Erabaki hau hartzea bai herritarrei eta bai Osakidetzako profesionalei iseka egitea da». Sindikatuak azaldu duenez, gida bat egitea izan da Osakidetzak hartu duen neurri «bakarra» jakinda osasun langileak nola ari diren EAGetan. Gehitu duenez, gida horrek ez du ematen erizainak ez dakien edo beste esparru batzuetan garatzen ez duen beste ezer. ESKren ustez, neurri horren bidez Osakidetzak «irudi garbiketa» egin du. Salatu duenez, horrela Osakidetzak saihestu egin du osasun zentroetako «medikuen gabezian» eta lehen arretan «etengabe» egiten diren murrizketetan duen erantzukizuna. Sindikatuak Osasun Sailari eskatu dio osasun publikoaren etengabeko narriadura bilatzen duten politika horiek bertan behera uzteko: «Osakidetzak gure lehen arretari giza baliabideak eta baliabide materialak emateko ezinbesteko neurriak har ditzala eskatzen dugu, herrialde honetako herritarrei merezi duten osasun arreta eman ahal izateko».
2023-8-4
https://www.berria.eus/albisteak/231481/petroren-hauteskunde-kanpaina-legez-kanpo-finantzatu-zela-deklaratu-du-haren-semeak.htm
Mundua
Petroren hauteskunde kanpaina legez kanpo finantzatu zela deklaratu du haren semeak
Kolonbiako presidenteak presioei men ez egiteko eskatu dio bere semeari. Ziurtatu du iruzurra gertatu balitz kargua utzi beharko lukeela.
Petroren hauteskunde kanpaina legez kanpo finantzatu zela deklaratu du haren semeak. Kolonbiako presidenteak presioei men ez egiteko eskatu dio bere semeari. Ziurtatu du iruzurra gertatu balitz kargua utzi beharko lukeela.
Gustavo Petro presidentearen seme Nicolas Petrok egindako adierazpenek erabat nahastu dute Kolonbianko giro politikoa. Fiskaltzari atzo azaldu zionez, diru sarrera irregularrak izan ziren bere aitaren presidente hautagaitzarako kanpainan, iazko bozetan. Kanpaina finantzatzeko diruak gehieneko muga gainditu zuela esan zuen, eta erakundeei ez zitzaiela eman kopuru osoaren berri. Fiskaltzaren arabera, Nicolas Petrok konpromisoa hartu du baieztapen hori frogatuko luketen dokumentuak eta audioak aurkezteko. Mario Burgos fiskalak ikerketa bat abiatu du. Informazio horiek argitara atera eta ordu gutxira, Kolonbiako presidenteak bere agintearen zilegitasuna babestu zuen, eta ziurtatu zuen duela urtebete eratu zuen gobernuaren kontrako kanpaina baten ondorio direla akusazioak. «Hori egia balitz, presidente honek gaur bertan alde egin behar luke. Ez bainaiz Uribe, ezta Santos ere, ez naiz Duque; ez naiz aurretik pasatu diren horiek bezalakoa, ageriko arrazoiengatik. Gauza beste era batera egiteko modu batetik nator». Presidenteak mezu zuzen bat bidali zion semeari. «Gomendatu diezaiokedan bakarra da: duintasunez, egia. Borreroaren aurrean sekula ere ez makurtu». Gaineratu zuen berak ez diola sekula ere eskatu bere seme edo alabetako bati deliturik egiteko. Presidentearen semearen hitzek erreakzio soka bat eragin dute arlo politikoan. Oposizioak Ricardo Roaren dimisioa eskatu du. Gaur egun, Ecopetrol Kolonbiako petrolio enpresarik handienaren presidente da, baina Petroren kanpainako arduradun izan zen iazko bozetan. Presidenteari azalpenak eskatu dizkiote, eta Petroren alderditik hura defendatzera atera dira blokean. Zenbait enpresariren dirua modu irregularrean jasotzea leporatzen diote Nicolas Petrori, eta espetxean dago, haren emazte Day Vasquezekin batera. Auzi horren harira egin ditu Kolonbiako jokaleku politikoa astindu duten adierazpenak. Aitortu du dirua jaso zuela, baina ez zela bere onurarako izan soilik, eta bere aitaren kanpaina finantzatzeko ere erabili zela. Espero izatekoa da aitorpen horrengatik onura judizial batzuk jasotzea. Presidenteak bere gobernua babestuko duela ohartarazi du, eta bere semearen kontrako auzian esku hartu gabe egingo duela hori. «Lehenengo presidentea naiz justiziari esaten diona bere semea epaitzeko. Ez delitu bat egin duen lehena naizelako, baizik eta besteek beren semeak babestea erabaki zutelako justizia babestu beharrean. Nik nahiago dut justizia babestu». Petroren Itun Historikoa ezkerreko koalizioak presidentea defendatu du. «Hautagaiak berak esan zuen plan bat zegoela [kanpaina] narkotrafikoaren diruarekin infiltratzeko», esan du Heraclito Landinez Suarez diputatuak. «Horregatik esan zuen ez zela ekarpenik onartuko eta inork ez zuela baimenik ekarpenak jasotzeko». Presidenteak nabarmendu zuen ez duela asmorik auzi horrengatik agintea uzteko. «Ez dago gobernu hau amai dezakeenik, herria bera ez bada».
2023-8-4
https://www.berria.eus/albisteak/231482/pertsona-bat-hil-da-urkiolara-bidean-izandako-auto-istripu-batean.htm
Gizartea
Pertsona bat hil da Urkiolara bidean izandako auto istripu batean
Autoa errepidetik atera da, pareta bat jo, eta su hartu du
Pertsona bat hil da Urkiolara bidean izandako auto istripu batean. Autoa errepidetik atera da, pareta bat jo, eta su hartu du
Pertsona bat hil da Urkiolako santutegira doan bidean, BI-623 errepidean (Bizkaia). Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, autoa bidetik irten da, pareta bat jo, eta su hartu du. 12:40an gertatu da ezbeharra. Ertzaintza, suhiltzaileak eta osasun zerbitzuak bertaratu dira istripua gertatu den lekura, baina ezin izan dute suspertu biktima. Ertzaintzak errepidea itxi behar izan du, eta auto ilarak daude.
2023-8-4
https://www.berria.eus/albisteak/231484/lizarrako-zinegotzi-bat-indarrez-atera-dute-ikurrina-erakusteagatik.htm
Politika
Lizarrako zinegotzi bat indarrez atera dute ikurrina erakusteagatik
Udaltzaingoaren buruak indarrez atera du EH Bilduko zinegotzia udaletxeko balkoitik. Zinegotzia ikurrina erakusten saiatu da Lizarrako jaietako txupinazoan.
Lizarrako zinegotzi bat indarrez atera dute ikurrina erakusteagatik. Udaltzaingoaren buruak indarrez atera du EH Bilduko zinegotzia udaletxeko balkoitik. Zinegotzia ikurrina erakusten saiatu da Lizarrako jaietako txupinazoan.
Lizarrako (Nafarroa) Udaltzaingoaren buru Rodrigo Garcia de Galdianok indarrez atera du Elisabet Ziordia zinegotzia udaletxeko balkoitik, ikurrina zabaldu duenean. Lizarrako jaiei hasiera emateko txupinazoan gertatu da. Ziordiari balkoira ateratzeko txanda iritsi zaionean, balkoipean zeuden herritarren aurrean zabaldu du ikurrin bat. Segituan, udaltzainen burua agertu da, eta balkoitik atera du zinegotzia, indarrez. EH Bilduk adierazi du Lizarrako gertakariak «beste behin ere» agerian utzi duela «egin beharreko bidea»: «Bada garaia ikur guztiak eta adierazpen askatasuna errespetatzeko». Ziordiak aurten hartu du kargua, EH Bilduko zerrendetan bigarren postuan joanda. Alderdi subiranistak bost zinegotzi ditu Lizarran. Garcia de Galdiano ere hauteskundeen ondoren izendatu dute udaltzainen buru. UPNk alkatetza berreskuratu eta Marta Ruiz de Alda alkateak hartutako lehen erabakietako bat izan da. Garcia de Galdiano lehendik ere aritua da lanpostu horretan. Aurreko agintaldiaren hasieran jardun zuen Udaltzaingoaren buru gisa, EH Bilduk alkatetza eskuratu zuen arte.
2023-8-4
https://www.berria.eus/albisteak/231486/nora-opera-izango-da-haurren-hamabostaldiko-emanaldi-nagusia.htm
Kultura
‘Nora?’ opera izango da Haurren Hamabostaldiko emanaldi nagusia
Ipuin kontaketa bat eta tailer bat ere egingo dituzte. Viktoria Eugenian eta Kursaalean izango dira emanaldiak.
‘Nora?’ opera izango da Haurren Hamabostaldiko emanaldi nagusia. Ipuin kontaketa bat eta tailer bat ere egingo dituzte. Viktoria Eugenian eta Kursaalean izango dira emanaldiak.
Abian da dagoeneko aurtengo Haurren Hamabostaldia. Bost emanaldi eskainiko dituzte denera, Viktoria Eugenia antzokian eta Kursaalean. Haurrentzako opera bat izango da ekitaldi nagusia, Landarbaso abesbatzak sortu duen Nora?. Halaber, ipuin kontalaria eta tailerrak berreskuratu ditu aurten jaialdiak, etxeko txikienek ere musikarekin bat egin dezaten. «Sentsazioetan oinarritutako bidaia bat da». Horrela aurkeztu dute Landarbaso abesbatzako Maialen Dorronsorok eta Iñaki Tolaretxipik Nora? haurrentzako opera. Hilaren 8an izango da emanaldia, 19:00tan, Viktoria Eugenia antzokian. Haur bat da istorioaren protagonista, eta amonarengana egingo duen bidaian berarekin joatera gonbidatuko du publikoa. Hala, ikusleek ere pertsonaiaren emozioak sentitzea lortu nahi dute. Haur eta gurasoei eskainitako obra bat da, eta emozioak kanporatzeak duen garrantzia azpimarratzen dute Marts Pujats idazlearen testuek. Letoniako opera baten moldaketa bat da; izan ere, euskal kulturara egokitu du Dorronsorok, Laura Jekabsone konpositore eta abesbatza-zuzendari letoniarrarekin batera, Landarbasok urtetako harreman estua baitu berarekin. Ahotsaz, pianoaz, perkusioaz eta txirulaz baliatuko da abesbatza ikuskizunean. Abesbatzako Kontari taldeko haurrek eta Landarbasoko 31 abeslarik beteko dute Viktoria Eugenia antzokiko oholtza, eta, Dorronsorok adierazi duenez, benetako plazera da eurentzat haurrek Viktoria Eugenia bezalako «plaza» batean kantatzea. Landarbasoren lehen aldia da Haurren Hamabostaldian, eta eskainiko dutena egin ohi dutenaren oso bestelakoa dela onartu du Tolaretxipik. Hala ere, ilusioz sortutako proiektu bat dela adierazi du. Musika istorioak Ander Edo eta Nerea Azona arduratuko dira 3 eta 7 urte bitarteko txikiak ganbera musikara hurbiltzeaz. Hiru ganbera ipuin ipuin kontaketaren bidez egingo dute hori, Edok narraitzaile lanetan eta Azonak harpaz. Jesus Guridiren obrak entzun ahal izango dira bertan; izan ere, konpositore gasteiztarraren hiru pieza herrikoi baliatuko dituzte istorioa kontatzeko. «Gozamena da Musika Hamabostaldian ipuinak kontatu ahal izatea», adierazi du Edok. Ipuinek eta ganbera musikak bat egingo dute, eta biak ala biak esperientzia «gozo» bat direla gehitu du. Gozotasun hori eskaini dute gaur beren lehen emanaldian, eta hilaren 26an izango da bigarrena, Kursaal auditoriumeko foyerrean. 8 eta 12 urteko haurrek, ordea, Nerea Quincoces Ochoa perkusio jotzaileak gidatutako tailer interaktiboan parte hartzeko aukera izango dute. Gorputzaz eta zenbait perkusio tresnez baliatu ahal izango dira haurrak, erritmo kubatar eta afrikarrak esploratzeko. Euskaraz eta gazteleraz emango du Quincocesek tailerra, hilaren 8an eta irailaren 1ean, Kursaaleko foyerrean.
2023-8-5
https://www.berria.eus/albisteak/231487/orain-arteko-tenperaturarik-altuena-neurtu-dute-ozeanoen-gainazalean.htm
Mundua
Orain arteko tenperaturarik altuena neurtu dute ozeanoen gainazalean
Batezbesteko tenperatura 20,96 gradura heldu da aste honetan, eta adituek ohartarazi dute igo egingo dela datozen hilabeteetan.
Orain arteko tenperaturarik altuena neurtu dute ozeanoen gainazalean. Batezbesteko tenperatura 20,96 gradura heldu da aste honetan, eta adituek ohartarazi dute igo egingo dela datozen hilabeteetan.
Ozeanoen gainazaleko tenperaturarik altuena neurtu dute aste honetan: 20,96 gradu. Zientzialarien arabera, El Niño fenomeno atmosferikoak ere badu zeresana ozeanoen berotzean, baina horri gehitu behar zaizkio klima larrialdiak eragindako aldaketak. Aurrez, 2016an neurtu zuten orain arteko tenperaturarik altuena, 20,95 gradukoa, eta orduan ere El Niño fenomenoa zegoen indarrean. Hala ere, zientzialariek ohartarazi dute ozeanoetako tenperaturak igotzen jarraituko duela datozen hilabeteetan, eta errekorra behin eta berriz gaindituko dela, izan ere, martxoan heldu ohi da ozeanoetako tenperatura maila gorenera. «Zenbaki horietara orain iritsi izanak kezkatzen nau, izan ere nork daki noraino helduko diren tenperaturak hemendik martxora bitartean», ohartarazi du Samantha Burgessek, Eruopako Copernicus programako kideak. Burgessek azaldu du zenbat eta erregai fosil gehiago baliatu, orduan eta gehiago berotuko dela ozeanoetako ura, eta ondorioz, denbora gehiago beharko dela berotze hori moteldu eta lehengo tenperaturetara heltzeko. Ozeanoek rol garrantzitsua dute kliman, beroa xurgatzen dutelako eta airea hozten, lurrazaleko tenperaturak freskatuz eta beroa eramangarriago eginez. Ozeanoak berotu ahala, ordea, gutxituz doa karbono dioxidoa xurgatzeko haien ahalmena ere, eta, beraz, berotegi gas kopuru handiagoa pilatzen da atmosferan. Horrez gain, ozeanoetako tenperatura igo ahala, azkarrago urtzen da poloetako izotza eta igoz doa itsasoaren maila. Duela 150 urte hasi ziren ozeanoetako uraren tenperatura neurtzen itsasontziak baliatuta; duela berrogei urtetik hona, berriz, sateliteak eta buiak ere erabiltzen hasi dira horretarako. Datuak biltzen hasi zirenetik, 0,9 igo da ozeanoetako tenperatura; horietatik 0,6 azken lau hamarkadetan. Azken urteetan, gainera, ezohiko tenperaturak neurtu dira hainbat gunetan; iaz, esaterako, 38 gradu neurtu zituzten Floridako uretan, AEBetan. Lehorrean bezala, itsasoan ere gero eta maizago gertatzen dira bero boladak. 2019an egindako ikerketa baten arabera, 2015 eta 2016 artean aurreko urteetan baino hiru aldiz bero bolada gehiago izan ziren. Bero bolada horiek lurrazaleko suteekin alderatzen dituzte zientzialariek, urpeko landaredia suntsitzera hel daitezkeelako.
2023-8-4
https://www.berria.eus/albisteak/231488/erromantizismoa-izango-du-ardatz-ganbera-musika-zikloak.htm
Kultura
Erromantizismoa izango du ardatz Ganbera Musika zikloak
Raquel Andueza sopranoak eta Carlos Mena kontratenorrak hartuko dute parte zikloan, esaterako. Antzinako Musika zikloan, berriz, Trio Nacedo eta Susana Garcia de Salazar arituko dira, besteak beste.
Erromantizismoa izango du ardatz Ganbera Musika zikloak. Raquel Andueza sopranoak eta Carlos Mena kontratenorrak hartuko dute parte zikloan, esaterako. Antzinako Musika zikloan, berriz, Trio Nacedo eta Susana Garcia de Salazar arituko dira, besteak beste.
Laster jarriko dira martxan Donostiako 84. Musika Hamabostaldiko Antzinako Musika eta Ganbera Musika zikloak; izan ere, bihar hasiko da Antzinakoa, eta hilaren 10ean, Ganberakoa. Bost kontzertuk osatuko dute ziklo bakoitza, eta San Telmo museoan izango dira denak, 20:30etan. Raquel Andueza sopranoak, Carlos Mena kontratenorrak eta Susana Garcia de Salazar piano joleak parte hartuko dute, besteak beste. Erromantizismoko musika izango da Ganbera Musika zikloko protagonista nagusia. Hain zuzen ere, XVIII. mendetik XX. mendera doan eskaintza zabal bat izango da entzungai. Abuztuaren 10, 13, 17, 21 eta 23an izango dira zikloko emanaldiak, San Telmo museoko klaustroan, eta Euskal Herriko eta Espainiako bakarlari eta taldeak entzuteko aukera egongo da egun horietan guztietan. Cuarteto Trifoliumek irekiko du zikloa, abuztuaren 10ean, hari laukotearentzat idatzitako piezen errepaso batekin. Hilaren 12an, Francisco Fernandez-Ruedak emango du kontzertua, beste bost euskal musikarirekin batera: Andoni Mercero biolinistarekin, Susana Garcia de Salazar piano jolearekin eta Trio Nacedo hirukotearekin —Lidia Sierra, Ines Moreno eta Clara Muñoz—. Musika britainiarrean oinarritutako On Wenlock Edge programa aurkeztuko du seikoteak. 17an, Cuarteto Bretonen txanda izango da. Tomas Breton konpositorearen obra bat interpretatuko dute, eta Brahms hari laukotearen laguntza izango dute horretarako. 21ean, hiru emakume bakarlariren harien doinuek beteko dute museoko klaustroko oholtza: Judith Jauregi piano jolearenak, Soyoung Yoon biolin jolearenak eta Nadege Rochat biolontxelo jolearenak. Josu de Solaun piano jolearen eta Adolfo Gutierrez Arenas biolontxelo jolearen emanaldiarekin emango diote amaiera zikloari, hilaren 23an. Gutierrez Arenasek, gainera, Schumannen, Schuberten eta Francken obrak biltzen dituen Loss & Love izeneko bere azken diskoa aurkeztuko du. Antzinatik, gaur egunera 1991ean antolatu zuen lehen aldiz Antzinako Musika zikloa Donostiako Musika Hamabostaldiak, eta jaialdiko ziklorik arrakastatsuenetako bat izatera heldu da. 25 urtez baino gehiagoz, Santa Teresa komentuak hartu zituen zikloko kontzertuak, baina komentuaren itxieragatik, San Telmo museora lekualdatu behar izan zuten. Europako antzinako musikako bakarlari eta talde nabarmenenak entzuteko espazioa da bilakatu da, urteotan, jaialdiko egunetan. Horietako bostez disfrutatzeko aukera egongo da, bihartik hasita hilaren 27ra arte. Nazioarteko taldeak Euskal Herriko interpreetekin batera arituko dira oholtza gainean, hala nola Raquel Andueza sopranoarekin eta Carlos Mena kontratenorrarekin. Tercia Realidad taldeak emango dio hasiera Antzinako Musika zikloari, bihar, Jorge Jimenez biolin joleak gidatutako emanaldi batean. Farinelli konpositoreari egingo dio keinu, biolinerako piezak interpretatuz. Etzi, hilaren 9an, Brezza taldearen txanda izango da. Barrokoko inprobisazioaren tradizioan oinarrituko da Basilean sortutako taldea. Lehen aldia izango da bientzat Hamabostaldian, eta ikusleentzako dagoeneko ezagunak diren taldeen aurretik arituko dira. Izan ere, Raquel Andueza sopranoaren txanda izango da hilaren 11n, eta aspaldiko ezaguna da jaialdian. Pozik agertu da bertan kantatzeko aukeraren aurrean, txikitatik joan izan baita zikloko kontzertuak entzutera. La Galania taldearekin batera eskainiko du emanaldia, Italiako eta Frantziako barrokoaren arteko truke eta eraginak erakusten dituen Seguace d’amore programa interpretatuko dute. Hilaren 19an, Carlos Mena kontratenorrak hartuko du lekukoa, Daniel Zapico tiorba jotzailearekin batera; XVI eta XVII. mendeetako doinu frantsesen transkripzioak eskainiko dituzte. Zikloaren itxiera, jaialdian berria den beste talde batek egingo du: Vivid Consorte taldeak. Hiru austriar musikarik osatzen dute, eta beren ahotsekin uztartzen dituzte txirula doinuak, errenazimenduko musika oholtza gainera ekartzeko asmoz.
2023-8-4
https://www.berria.eus/albisteak/231489/bihotzean-eramango-zaituztet-betiko.htm
Bizigiro
«Bihotzean eramango zaituztet betiko!»
18:00etan eman diote hasiera Gasteizko jaiei, Zeledonen jaitsierarekin. Azken aldiz hezurmamitu du Gorka Ortiz de Urbinak Zalduondoko baserritarra.
«Bihotzean eramango zaituztet betiko!». 18:00etan eman diote hasiera Gasteizko jaiei, Zeledonen jaitsierarekin. Azken aldiz hezurmamitu du Gorka Ortiz de Urbinak Zalduondoko baserritarra.
Dagokion orduan iristen den horietakoa da Zeledon. 18:00etarako esan, eta 18:00etan agertzen den horietakoa. Alaveseko jokalariek eta Arabako Garrasia harmailako zaleek orduan eman diote abisua Zeledonen panpinari; suziria jaurti ostean jaitsi da San Miguel elizako kanpandorretik, aterkia irekirik hegan, Gasteizko banderadun balkoiraino. Bertan agertu da Zeledon, Gorka Ortiz de Urbinak hezurmamituta, milaka gasteiztarren aurrean, eta hainbat lagunen babespean zeharkatu du plaza. Kalimotxoarekin arrosa kolorekoa utzi diote alkandora; busti-busti eginda heldu da beste aldera. «Gora Gasteiz! Gora Andra Mariren jaiak! Gora Gasteiz!» esanez hasi eta Zeledonen abestia kantatzeari ekin dio. Tartean, Alavesen ereserkia ere abestu du—Lehen Mailara igo zen ekainean—. Aterkia itxi du agurtu ostean, baina irekiarazi egin diote, azken aldiz abesteko berriro Zeledonen abestia. «Primeran tratatu nauzue! Bihotzean eramango zaituztet betiko!», oihukatu die plazan ziren gasteiztarrei. «Mila esker! Tabernetan ikusiko gara!». Aurpegi ezaguna dute Ortiz de Urbina: 21 alditan izan du eskuan Zalduondoko (Araba) baserritarraren aterkia. Aurtengoa du azkena, ez dituelako gainditu nahi bere aurretik Zeledon izan zirenak—22 urtez aritu zen Jose Luis Isasi, eta 21 urtez Iñaki Landa—. «Harro» dago 2001etik gaurdaino egindako lanaz, eta harro egotekoa da irailean egingo dioten aitortza. Urrezko Zeledoia jasoko du. 18:00etan eman diote hasiera Gasteizko jaiei, baina aldez aurretik giroa bazuten Andra Maria Zuriaren plaza. Hutsik zen, baina suziria jaurti baino bi ordu lehenago hasi da jendetza biltzen, eta, astiro-astiro, mukuru geratu da plaza.
2023-8-4
https://www.berria.eus/albisteak/231490/ecowasek-nigerren-militarki-esku-hartzeko-aukera-handitu-egin-da.htm
Mundua
Ecowasek Nigerren militarki esku hartzeko aukera handitu egin da
Blokeak esan du balizko operaziorako plan bat egin duela, eta estatuburuen esku dagoela hori martxan jartzea. Etzi amaitzen da kolpistei ezarritako epemuga.
Ecowasek Nigerren militarki esku hartzeko aukera handitu egin da. Blokeak esan du balizko operaziorako plan bat egin duela, eta estatuburuen esku dagoela hori martxan jartzea. Etzi amaitzen da kolpistei ezarritako epemuga.
Afrika mendebaldean eta erdialdean 2020tik hona izandako zazpigarren estatu kolpea da joan den astean Nigerren eman zutena. Kopuru hori eta herrialde horren kokapen eta garrantzia estrategikoa kontuan harturik, Ecowas Afrika Mendebaldeko Estatuen Ekonomia Erkidegoak jarrera gogorragoa hartu du oraingoan, eta esku hartze militar baten mehatxua egin du, nahiz eta zehaztu duen «azken baliabidea» dela. Baina badirudi, asteon gertaturikoaren —eta gertatu ez denaren— ondoren, blokeko estatu kideak estrategia horren alde egitear daudela. Hori da, behintzat, adierazpenek eta bilkurek agerian utzi dutena, Ecowasek Nigerren militarki esku hartzeko aukera indartu egin baita egunek aurrera egin ahala. Joan den igandean, blokeak astebeteko epea eman zion junta militarrari boterea utzi eta kargugabeturiko Mohamed Bazoum agintera itzularazteko —etzi amaituko da—. Kolpistek, ordea, ez dute horretarako asmorik erakutsi, eta behin eta berriz ohartarazi dute balizko atzerriko esku hartze militar baten kontra. Jarrera horren aurrean, Ecowasen misio diplomatiko bat militarrekin eta Bazoumekin elkartzen saiatu zen atzo, Nigerko hiriburuan, baina ez zuen ezer lortu, eta berehala atera zen herrialdetik. Negoziazio politikoen bideak, hortaz, itxita dirudi, oraingoz. Bien bitartean, blokeko estatu kideetako armadetako buruek hiru eguneko bilkura bat egin dute, gaur amaitu dena, eta horretan balizko esku hartze militarraz eztabaidatu dute, Nigerren «ordena konstituzionala berriz ezartzea» helburu lukeena. Bilera amaitzean, esan dute balizko operazio militarrari buruzko plan bat egin dutela, eta horren inguruko erabakia estatuburuek hartuko dutela; gainera, gaur argitara atera da Ecowaseko buruzagi eta Nigeriako presidente Bola Tinubuk atzo balizko esku hartze militar baten xehetasunen berri eman ziola haren herrialdeko Senatuari; eta egunak dira sare sozialetan zera ikus daitekeela: Nigeriako soldaduak Nigerko mugara gerturatzen. Herrialde horretaz gain, Senegalek, Boli Kostak eta Beninek ere esan dute balizko esku hartze militarrean parte hartuko luketela, baina beste estatu kide batzuek kontrakoa adierazi dute, eta Ecowasen barne zatiketa baterako arriskua egiazkoa bilakatu da, Gineak asteon ohartarazi modura. Mali eta Burkina Faso dira, kasurako, kontrako jarrera dutenetako batzuk —junta militarrak daude agintean horietan, eta blokeko kidetza eten diete—; ohartarazi dutenez, Nigerren sartzea haien kontrako «gerra deklarazio bat» litzateke. Eta ikusteko dago blokearen balizko indar militar hori nolakoa eta nork osatua izango litzatekeen, Nigeriak baitu armadarik handiena eta indartsuena, eta egun jihadisten kontrako operazioak egiten ari baita herrialdeko ia estatu guztietan. Muturreko islamisten aurkako gatazkarekin lotuta, Nigerko kolpistek atzo gauean erabaki zuten herrialdeak Frantziarekin sinatu zituen bost lankidetza militar akordioak bertan behera uztea. Parisek 1.500 soldadu inguru ditu herrialde horretan, eta, beraz, erabaki horren ondoren, ikusteko dago zer gertatuko den horiekin; Eliseoak gaur erantzun dio junta militarrari, eta esan dio itun horiek indarrean jarraituko dutela, «zilegizko agintariekin» adostu zituztelako, eta ez «Nigerko armadako kide batzuekin». Bazoumen ohartarazpena Frantziarentzat, eta, oro har, Mendebaldearentzat, Bazoum da Nigerko egiazko agintaria, «demokratikoki hautaturikoa»; eta, hain justu, kargugabeturiko presidentea, oraindik ere atxilotuta dagoen arren, nazioarteko estatuburuekin eta gobernuburuekin mintzatzen ari da egunotan. Gaur arte, ordea, ez zuen adierazpen publikorik egin estatu kolpea eman zutenetik, eta horretarako The Washington Post egunkaria baliatu du; iritzi artikulu baten bidez, besteak beste, ohartarazi du «terrorismoak» indarra berreskuratu dezakeela junta militarrak agintean jarraituz gero, eta Errusiaren influentzia handitu egin daitekeela eskualdean. Eta, Nigerko egoera humanitarioaren kasuan, FIDH Giza Eskubideen Nazioarteko Federazioak kezka agertu du gaur, batez ere UEMOA Mendebaldeko Afrikako Ekonomia eta Diru Batasunak herrialde horri ezarri dizkion zigor ekonomikoek eragingo dituzten ondorioengatik. «Oso kezkagarriak dira zigor horien eraginak. Batez ere, ezinbestekoak diren elikagai produktuen horniduran, baita botikagintzan, medikuntza tresnetan, elektrizitatean eta petrolio produktuetan», azaldu du FIDHko idazkari nagusi Drissa Traorek.
2023-8-6
https://www.berria.eus/albisteak/231491/miseria-gorria.htm
Kultura
Miseria gorria
Baionan jaio zen, 1959an, eta Oragarren hazi (Nafarroa Beherea). Herria aldizkarian argitaratu zuen lehen poema, 1974an, eta, geroztik, genero ugari landu ditu. 1984an argitaratu zuen lehen poesia liburua: Bizitza nola badoan. Eleberrigintzan eta poesian jardun du gehien, eta ibilbide oparoa osatu du. 2002an, Euskadi saria jaso zuen, %100 basque eleberriarekin, eta narrazioa (Zeruetako erresuma) eta antzerkia ere (Odolak su gabe diraki) landu izan ditu. Amaia Ezpeldoi fikziozko detektibearen sortzailea ere bada. Euri zitalari esker (Susa, 2021) eleberria eta Uhartearen mugak (Maiatz, 2021) poesia liburua ditu lanik berrienak. Bestalde, hainbat hedabidetan kolaboratzaile izan da, besteak beste, BERRIAn, urte luzez. Maiatz aldizkariaren sorreran ere parte hartu zuen.
Miseria gorria. Baionan jaio zen, 1959an, eta Oragarren hazi (Nafarroa Beherea). Herria aldizkarian argitaratu zuen lehen poema, 1974an, eta, geroztik, genero ugari landu ditu. 1984an argitaratu zuen lehen poesia liburua: Bizitza nola badoan. Eleberrigintzan eta poesian jardun du gehien, eta ibilbide oparoa osatu du. 2002an, Euskadi saria jaso zuen, %100 basque eleberriarekin, eta narrazioa (Zeruetako erresuma) eta antzerkia ere (Odolak su gabe diraki) landu izan ditu. Amaia Ezpeldoi fikziozko detektibearen sortzailea ere bada. Euri zitalari esker (Susa, 2021) eleberria eta Uhartearen mugak (Maiatz, 2021) poesia liburua ditu lanik berrienak. Bestalde, hainbat hedabidetan kolaboratzaile izan da, besteak beste, BERRIAn, urte luzez. Maiatz aldizkariaren sorreran ere parte hartu zuen.
Un jour être pauvre Détaché de tout Gérard Manset Hiper sentsible bakoitzak bere baitan isiltasuna egiten ikasi behar du» erran zuen mahai gurintsuaz bestaldean zegoen solas kideak. Hustu berri genituzkeen basoak klaskarazi genituen, lekuz kanpo zirudien adierazpenaren iluna ospatzeko. So egin nion: Miseria izeneko ostatu honen antzera, aitzinean neukanak egun anitzez hobeagoak bizituak zituen, baina hor zegoen, konkor, duin, guztiok jasan genuen gain-behera soziala fikzio hutsa bailitzan. Alta egoera erreala zen, dirurik ez genuelako, janzteko, gosea bazkatzeko edo Miseriatik at, harremanak bilbatzeko. —Dirua ez da dena, oihukatzen zuen Marisa taberna-jabeak, negarroiegiak bihurtzen ginela iruditzen zitzaionean. Ez gara bakarrak hondatzen doan ontzi honetan... adiskideak, animo, etxeko anderearen erronda... —Zu bederen bihotz handiko emaztea zara, marmartzen zuen baten batek aharrausi artean, egikera hain eskuzabalik aspaldian ikusi ez bailuen. Eta banpez jauzten zen lotara, gertatzen ari zenaz arras desinteresatua. Isiltasunaren tapakiak gela tepu eta likitsa troxatzen zuenean, ardorik merkeenez arrada bete gure godaletak ferekatzen genituen, behatzez, behiala maitatu izakien gorputz unatuak bailiran. Nehork ez zuen hitzik ateratzen. Presioa dorpeegia bilakatzen zenean, Marisak mende urrunduetako musika irakurgailuan, garai bereko binilo bat pausatzen zuen eta bandoneonez edertu melodiaren notek Miseriaren hilotza inarrostea lortzen zuten: geldo zirudiena mugitzen hasten zen. Egunaren eta gauaren arteko marra gorria aspaldian pasatu zutenak dardaka sumatzen ahal ziren oraino. Solaskideari erran nion: —Kantuaren indarra... —Oroitzen zara zorionaren gibeletik errabiaz genbiltzan denbora haiez, galdatu zidan, astotik oilarrera deblauki iraganez: —Lau etapa aski omen ziren uros izateko. Baina korrika paziente hartako azken bidaldia ezeztatu ziguten, unilateralki. Eta hor geratu ginen, hatsanka, mihiak lurrean, betirako frustratuak... Miseria, sos, kalipu eta gero gabeziak eragin deboilaren ondorioz biluzi auzo batean kokatzen zen. Bertan bizi ginen, egoerak zakartzen zuen biolentzia handiko ingurunean. Marisak zerbitzatzen zigun ardo mikatzak laguntzen gintuen pairatzen genuen malurra ahanzten. Batzuetan besteetan baino mikatzagoa zen eta erraiekin batera bota genezakeen irentsitako azken hurrupa. Begiak zulo, zintzurrak leize eta sabelak sumendi bukatzen genuen, ekintza-ezaren eremuan alderrai. Miserian entzerratu aitzin, kontzientzia ximixta soilean, oroitzen ginen bestela bizi izan ginela, apairu onak eta oporrak hartzen genituela. Guretzat, libertatearen goren maila bideo pornografikoak komunean begiestean zetzan. Baina bat batean abiadura handian zihoan trenetik aurtikiak bezala suertatu ginen, bide ertzeko sasietan odoletan, nortasun paperik gabe, iraganaz desjabetuak, etorkizunerako uzkur. Horixe bai, Marisak arrazoia zuen: ez ginen bakarrak. Hasieran, auzo okertuaren mugetaraino lehiatzen ginen, ate edo zirrikitu bila. Den mendreneko saio guztiak kontra-karratzen zituzten astunki armatu gizon-lerroek. Jalgitzeko eskubiderik ez geneukan. Hilabeteen buruan, Miseriara asignatuak izan ginen, miseria ginen, besterik ez. Miseria-konplizeak aurkitzen genituen egun oroz, alabatxi mehakoila zaintzen zuen amona ezindua adibidez, solaskide etsitua, barra atxikitzen zuten nostalgiko fanfarroiak eta ni neu, laprastada larriaren lekuko kasik mutua. Marisa hurbildu zitzaigun, irria ezpainetan. Pasatzean, telebista piztu zuen. Informazio kateetako gizon eta emazte aurkezle panpoxak agertu zitzaizkigun, zorion materialaren itxurek pantaila emokatzen zutela. Eguerdi hartan, preseski, ile zurbilekiko politikari bat ari zen miseria horren ezabatzeko zer egin behar zen kontatzen: gangrena baten moduan hedatzen diren auzoak arrasatzea proposatzen zuen, horko etxe, karrika eta jendeak olde berean lurraren azaletik erauziz. —Hiri abil eta likidoen ateetako kalitxa edo zornakizun ahalkegarri horien presentzia jasan ezina da, neurri bortitzak eskatzen ditu. Gobernuak egingo duena txalotuko dugu... Diskurtso elektrikotik landa publizitate tunel bat zeharkatu genuen, oren erdi bat baino gehiagoz: auto eta bizikleta elektrikoak ageri ziren, sukalde dena-elektrikoak, klimatizatore elektrikoak, bibratzaile-masaje egile elektrikoak. Miserian, kanpoarekiko lotura bakuna zen telebistaz eta hozkailu burrunbariaz aparte, zer elektriko mikorik ez zegoen, non ez ziren gure gogoeta eta murduska terrentak. Egunerokotasuna zalantzaz betetzen zihoakigun, makina erraldoiak edonoiz etortzen ahal zirelako eremu eskas hauek deuseztatzeko. «Partikula xehez eta mikroplastikoz elikatzen gara» idatzi nuen behin, galtza zikinen sakelan neukan kaier txikian. Miseriako giroan, poeta fama (txarra) nuela egia zen. Solaskidea nitaz trufatzen zen, hogei urtean ez nuelako besterik izkiriatu. Baina zoko kirasdun honetan sartzen ziren aurpegi kezkatuen izen-deiturak notatzen nituen, Irristada Handiaren ardatzean iruten zituzten istorioak eta hauen hiltze-iraungitze datak ere bai. Miseriaren memoriaren zaintzaile patetikoa nintzen, esku eta belarri hautua, isila, egartsua, alabaina, destino-lagunen pare. Orduak higatzen nituen ardo zakarrak akuilatzen zuen hausnar tzar batean, egitura orokorra madarikatzen, nire burua ere bai, ustez hain abila izanik xederetan harrapatua izan nintzelako. Lau zenbaki eta zazpi hitz baino ez nituen jada ezagutzen. Mestura melenga aragoak ziren gizakion garunak, jeloskeria eta sumindura ontzi ezinbestekoak. Humanotasunaren zero gradura jauzi ginela bagenekien, itzul biderik gabe. Eskerrak Marisari musika ona laket zitzaiola. Isiltasun dorpeegiak hedatzen zirenean, basoak biltzen zituen eta besoa soinu-makinara luzatzen zuen, berak hautatzen zuen disko bat platinan ezartzeko. Begiak ixten genituen eta bakoitzak bere pentsamenduak bihikatzen zituen bekaizki. Orduan, ardo mingarrezko intimitate bat hedatzen zen gure artean. Lehen aldikoz bere Historian, salbatuko zuen norbaiten esperantzari uko egiten zion munduak. Mundua bera zen suntsiketaren tresna trebea. Baina bizia aitzina zihoan, biloak urdintzen eta gerriak gantzaz astuntzen nabaritzen genituen, debaldeko ele eta oldar keinuen artean. Mendea eman genuen ohitzen, ez zen gauza askorik pasatzen, salbu denbora, haren golde zorrotzak larruak iraultzen zizkigula.
2023-8-5
https://www.berria.eus/albisteak/231509/21-urteko-emakume-bat-hil-da-auto-istripu-batean-larraunen.htm
Gizartea
21 urteko emakume bat hil da auto istripu batean, Larraunen
24 orduan Hego Euskal Herriko errepideetan hiltzen den hirugarren pertsona da
21 urteko emakume bat hil da auto istripu batean, Larraunen. 24 orduan Hego Euskal Herriko errepideetan hiltzen den hirugarren pertsona da
Hiru pertsona hil dira azkeneko 24 orduotan Hego Euskal Herriko errepideetan izan diren hainbat istriputan. Biktimen artean 21 urteko emakume bat dago. Bart 20:40ak aldera Larraun (Nafarroa) parean gertatu zen istripua, A-15 errepidean. Guardia Zibilak jakitera eman duenez, autoa errepidetik irten eta irauli egin zen. Hala, ibilgailuan zeuden bi pertsonak harrapatuta gelditu ziren. Larrialdi zerbitzuak iritsi zireneko emakumeetako bat hilda zegoen, eta bertzea zaurituta zegoen; Nafarroako Ospitalera eraman zuten. Gipuzkoan, berriz, 50 urteko gizon bat hil zen atzo iluntzeko 21:45ak aldera. GI-20 errepidean gertatu zen ezbeharra, zortzigarren kilometroan. Aritzetako noranzkoan zihoan autoa irauli egin zen. Atzo 12:40ean Bizkaian gertatu zen hirugarren istripua, Urkiolako santutegira doan bidean (BI-623 errepidean). Autoa bidetik irten zen, pareta bat jo zuen, eta su hartu zuen.
2023-8-5
https://www.berria.eus/albisteak/231510/49-urteko-gizon-bat-atxilotu-dute-gasteizen-sexu-eraso-bat-leporatuta.htm
Gizartea
49 urteko gizon bat atxilotu dute Gasteizen, sexu eraso bat leporatuta
Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, hainbat lekukok baieztatu dute gizonak «ukituak» egin dizkiola biktimari
49 urteko gizon bat atxilotu dute Gasteizen, sexu eraso bat leporatuta. Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, hainbat lekukok baieztatu dute gizonak «ukituak» egin dizkiola biktimari
Gasteizko jaietan 49 urteko gizon bat atxilotu dute, emakume bati sexu eraso bat egitea leporatuta. Goizeko 02:00ak aldera gertatu da erasoa, Santiago Ospitalearen inguruan. Herritarren Babeserako Unitateak gizon bat korrika ikusi du, eta hainbat lagun bere atzetik. Agenteek korrika zihoan gizona atzeman dute, eta gertatutakoaren berri emateko eskatu diote. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak adierazi duenez, hainbat lekukok baieztatu dute gizona «biktimaren gainean etzanda» zegoela, «ukituak» egiten. Biktimak leukoek errandakoa baieztatu du, eta gizonak «indarrez» bazter batera eraman duela erran du. Hala, Ertzaintzak gizona atxioltu du, ustezko sexu eraso bat egitea leporatuta. Polizia etxera eraman dute, eta epailearen esku utziko dute. Gasteizko Udalak gertatutakoa gaitzetsi du.
2023-8-5
https://www.berria.eus/albisteak/231511/ukrainan-bakea-eraikitzeko-oinarriak-eztabaidatzen-ari-dira-40-estatu-saudi-arabian.htm
Mundua
Ukrainan bakea eraikitzeko oinarriak eztabaidatzen ari dira 40 estatu Saudi Arabian
Errusia ez da parte hartzen ari, baina bilkuran dira Txina, India eta Brasil. Zelenskik Kieven bake proposamenaren aldeko babesa bilatuko du Mendebaldearekin lerrotu ez diren herrialdeen artean.
Ukrainan bakea eraikitzeko oinarriak eztabaidatzen ari dira 40 estatu Saudi Arabian. Errusia ez da parte hartzen ari, baina bilkuran dira Txina, India eta Brasil. Zelenskik Kieven bake proposamenaren aldeko babesa bilatuko du Mendebaldearekin lerrotu ez diren herrialdeen artean.
Ukrainarako bake proposamen bati begira, irtenbide adostu batek bildu beharko lituzkeen oinarriak zein diren aztertzen ari dira, gaurtik, 40 estatu inguru, Saudi Arabian. Errusia ez da parte hartzen ari, baina ordezkaritza bat bidali duten herrialdeen artean dira Txina eta hegoalde globaleko zenbait estatu, zeinak, horietako asko, elikagaien garestitze nabarmena jasaten ari diren gerraren ondorioz. Jidda hirian egiten ari diren goi bilerak badu aurrekari bat. Nazioarteko antzeko saio bat egin zuten ekainean, Danimarkan. Baina izaera informala aitortu zioten hari, eta ez zen bilkuraren osteko adierazpen formalik egon. Ikusteko dago, bihar, Saudi Arabiako elkarrizketa amaitu ostean, estatuek adierazpen publikorik egingo duten ala ez. Ukrainako presidente Volodimir Zelenskiren iritziz, egitasmo garrantzitsua izango da asteburukoa, eta garabidean dauden zenbait herrialdeen parte hartzea nabarmendu zuen atzo. Haren esanetan, «milioika pertsonaren etorkizuna» dago jokoan, «elikadura segurtasuna bezalako auzietan», eta herritar horien patua zuzenean lotu zuen «munduak azkar mugitzeko duen gaitasunarekin», Ukrainan «bake formula bat» ezartze aldera. Errusiak eta Ukrainak Nazio Batuen Erakundearen eta Turkiaren bitartekaritzarekin hitzarmen bat adostu zuten, iazko uztailean, gerran egonik ere, zerealak eta beste labore batzuk Ukrainako portuetatik esportatu ahal izateko. Baina Kremlinek akordioa ez berritzea erabaki zuen, joan den hilean, bere eskariak ez zirela aintzat hartu iritzita. Ukrainako zerealen esportazioa eteteak elikagai krisi baten inguruko kezka handitu du, bereziki, Afrikako hainbat herrialdetan. Zelenskiren itxaropena da asteburu honetako egitasmoak balio izatea nazioarteko «bake goi bilera bat» antolatzeko aurtengo udazkenean, eta han pisuzko agintari politikoek babestea irtenbide baketsu baterako Kievek proposatu duen hamar puntuko formula. Oinarri horien artean dira, besteak beste, Ukrainaren lurralde osotasuna errespetatzea eta Errusiako tropek Ukrainako lurraldea uztea, Moskuk anexionatutzat jo dituen eremuak barne. Saudi Arabiako bilkuran izango ez bada ere, Kremlinek esan du gertutik jarraituko duela. Errusiako Gobernuko bozeramaile Dimitri Peskoven arabera, Moskuk jakin behar du elkarrizketa horietan «zein helburu ezartzen diren eta zer hitz egiten den». Haren esanetan, «konponbide baketsu bat sustatzeko saiakera orok balorazio positibo bat merezi du». Ukrainarentzat bereziki interesgarria izango da Txinaren parte hartzea. Pekinek ez du Errusiaren erasoa gaitzetsi AEBek nahiz haren aliatuek eskatu dioten irmotasunarekin. Mendebaldeak galdegin dio baliatu dezala Moskurekin duen aliantza geopolitikoa harengan eragiteko —bi estatuek «mugarik gabeko lankidetza harreman bat» sinatu zuten Errusiak gerra hasi baino aste batzuk lehenago—. Txinak «neutral» mantentzearen alde egin du, ordea. Esan du errespetatu egin behar direla lurralde osotasunaren printzipioa eta estatu ororen subiranotasuna, eta irtenbide baketsu baterako baldintzak sortzearen alde mintzatu da, aldeen «segurtasun kezka zilegiak» aintzat hartuta —Errusiak erasoa hasi aurretik NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeari agertu zizkion segurtasun auziei erreferentzia eginez—. Joan den otsailean, bere bake proposamena aurkeztu zuen Txinak. Su eten bat eskatu zien aldeei, eta nazioarteari, bake baterako «baldintzak eta plataformak» sortzeko. Pekinek «rol eraikitzaile bat» jokatzeko prestutasuna agertu zuen, eta konpromiso hori berretsi du Atzerri Ministerioko bozeramaile Wang Wenbinek. Dena den, Txina ez da Ukrainarentzako hizketakide garrantzitsu bakarra izango. Bilkuran parte hartzen ari dira Brasil eta India ere. Horiek ere ez dira Mendebaldearekin lerrotu, eta Errusiaren aurkako zigor ekonomikoak kritikatu dituzte, esaterako.
2023-8-5
https://www.berria.eus/albisteak/231512/arraun-lagunak-ek-lehen-postua-sendotu-du-hondarribian-irabazita.htm
Kirola
Arraun Lagunak-ek lehen postua sendotu du Hondarribian irabazita
Oriok hirugarren egin du, eta bost puntukoa da orain aldea sailkapen nagusian. Donostiarra bigarren izan da, eta gertu izan du bandera
Arraun Lagunak-ek lehen postua sendotu du Hondarribian irabazita. Oriok hirugarren egin du, eta bost puntukoa da orain aldea sailkapen nagusian. Donostiarra bigarren izan da, eta gertu izan du bandera
Donostia Arraun Lagunak-ek astindu du Hondarribiko bandera Euskotren Ligako bederatzigarren Jardunaldian. Haize ufada nabarmenak izan dituzte mendebaldetik, eta metro eta erdi inguruko olatuetan, lehia bizia izan dute Donostiarrarekin estropada hasieratik. Azkenerako garaipen handia eskuratu dute helburua lortzeko bidean. Oriok sufritu egin du lehenengo kaletik, eta lan ona egin duen arren, hirugarren amaitu du estropada. Arraun Lagunak, beraz, lehen postuan sendotu da, eta bi taldeen arteko aldea bost puntukoa da orain sailkapen nagusian. Ikusi gehiago: Urdaibai nagusi arerio zuzenaren etxean Aurreneko txandan teorian Galiziako bi ontziek zituzten kale onenak, baina sasoi osoan bezala, berehala gelditu da Tiran atzean. Cabok, baina, maila bikaina erakutsi du hasieratik, eta kalea aprobetxatuz beste bi taldeei eutsi die. Lehenengo bi kaleetan lehia bizia izan dute bi gipuzkoarrek. Elkarrengandik oso hurbil aritu dira Hibaika eta Hondarribia, bata bestearen kalean sartuz. Lehenengo kalean batzuetan, bigarrenean bestetan, eta epaileak bandera zuria atera behar izan du, taldeei abisua emanez. Cabok, berean segitu du estropada eremuaren beste aldetik, eta pare-parean iritsi dira hiru taldeak ziabogara. Bigarren luzeko lehen metroetan hiru segundoko abantaila hartu dute Galiziako gorriek, eta Hibaika pixkanaka-pixkanaka atzean gelditzen joan da. Estropadaren bigarren erdian Hondarribia izan da galiziarrei eutsi dien bakarra. Lehen kalean majo sufritu dute etxekoek, baina 0 kaletik egin dituzte estropadako azken minutuak, eta eutsi bakarrik ez, galiziarrei aurre hartu diete. Estropada eremuaren alboko harkaitzetatik gertu helmugaratu dira azkenean, eta ia bi segundoko aldearekin irabazi dute txanda. Hibaika erori egin da, eta hamabi segundo galdu ditu. Bigarren txandak hasiera parekatua izan du. Tolosaldeak berehala galdu ditu lau segundo eta atzetik egin du estropada osoa. Oriok ere majo sufritu egin du lehenengo kalean. Donostiako bi ontziek, berriz, parean egin dute estropada guztia hirugarren eta laugarren kaletik. Hala ere, Andrea Astudillok, Arraun Lagunak-eko patroiak, argi zeukan arerio nagusia Orio zela. Sarritan aipatu die taldekideei Oriorekiko zeukaten aldea. Ziabogatik elkarrekin atera dira Donostiako bi taldeak, baina, Oriok, itsaso zakar batean, pare bat segundo jan dizkie ziaboga on batekin. Bigarren luzea ederra joan da. Segundo bateko tartea izan dute Donostiarrak eta Arraun Lagunakek, batzuetan baten alde, bestetan bestearen alde. Juan Mari Etxaberen taldeak jakin bazekien liga jokoan zegoela, eta azken metroetan garaile handien segurtasuna erakutsi dute. Bigarren kalera eraman du Lugañene tarinerua Astudillok, eta berebiziko garrantzia duen garaipena eskuratu dute. Hiru puntuko aldea zeukaten donostiarrek estropada hasi aurretik, eta bi puntu gehiagokoa izan da egunaren amaieran. Bost estropada soilik falta dira liga amaitzeko.
2023-8-5
https://www.berria.eus/albisteak/231513/urdaibai-nagusi-arerio-zuzenaren-etxean.htm
Kirola
Urdaibai nagusi arerio zuzenaren etxean
Hondarribiak sufritzen jakin du lehenengo kaletik, eta azkenean hirugarren izan da.
Urdaibai nagusi arerio zuzenaren etxean. Hondarribiak sufritzen jakin du lehenengo kaletik, eta azkenean hirugarren izan da.
Urdaibaik erakustaldia eman du, eta bandera astindu du Hondarribian. Bermeokoak txandan nagusi izan dira, nahiz eta Zierbena eta Hondarribia gerturatu egin zaizkien azken luzean. Oriok estropada ederra egin du bigarren txandan, baina laugarren egin du azkenerako. Olatuak eta haizea nabarmenak ziren jardunaldia hasi denean, baina egunak aurrera egin ahala asko petraldu da eguraldia. Euripean egin da ohorezko txanda. Bestalde, lehenengo txandan epaileak Santurtzi kanporatu du, eta Meira geroz eta gertuago daukate sailkapenean bizkaitarrek. Ikusi gehiago: Arraun Lagunak-ek lehen postua sendotu du Hondarribian irabazita Lehenengo txanda kaotikoa izan da. Santurtzik une txarretik atera ezinda jarraitzen du, eta hasieran okertu zaizkien gauzak guztiz kakaztu ditu hirugarren luzean. Lehendabizi, epaileak irteera eman baino lehen abiatu da Sotera, eta horregatik hiru segundoko zigorra jaso du Javi Poloren taldeak. Hala ere, estropadaren lehen erdia bikaina egin dute. Lehia ederra zihoan Kaikuren eta Santurtziren artean, ahalik eta hirugarren luzean Santurtzi deskalifikatu duten arte. Laugarren kalean sartuta hainbat metro egin ditu Santurtzik, Kaikuren kalean, eta bi ontziak elkarren aurka jotzeko zorian izan dira. Epaileak zenbait abisu eman dizkio Cristian Garmari, eta azkenean bandera berdea ikusi du Soterak. Meira hamabost segundo ingurura zegoen ordurako, eta espero ez zutenean lau puntuko zakua lortu dute. Kaikuk irabazi du txanda, baina Meira pozik irten da Hondarribitik. Bigarren txandan nabarmen okertu da eguraldia, baina Orio nagusi izan da hasi eta buka hirugarren kaletik. Mirotzak ziztu bizian irten dira, eta erakustaldia eman dute. Berehala lortu dute bi ontziko aldea gainerakoekiko. Aspaldian ez bezala gozatu dute horiek, eta nahi izan duten kaleetan aritzeko aukera izan dute. Lan aparta eginagatik, patroiak arraunlariak estutzen jarraitu du, aurreneko txandako taldeei sustoren bat emateko esperantzarekin. Getaria eta Cabo Oriorengandik hogei segundo ingurura aritu dira, eta euren arteko lehia izan dute txandako bigarren postua lortzeko. Aipagarria izan da Caboren estropada. Teorian onena zen kaletik majo sufritu dute praktikan, galiziarrek, eta azkenerako hirugarren izan dira bigarren txandan. Isuntza oso atzetik aritu da hasiera-hasieratik, eta lehen txandako Meirarekin izan du lehia. Galiziarren denbora hobetzeko asko izerditu behar izan du Osertz Aldairen eskifaiak, baina azkenean Meirak baino 29 ehunen gutxiago behar izan ditu estropada amaitzeko. Ohorezko txanda euripean jokatu da. Sailkapen nagusiko lehenengo biak estropadaren bi aldeetatik aritu dira. Nesken taldeari bezala, teorian okerrena zen kalea egokitu zaio etxeko taldeari, eta Urdaibai, berriz, laugarren kaletik aritu da arraunean. Bertatik markatu du hirugarren txandako erritmoa Iker Zabalaren taldeak. Oso baldintza gogorretan lan bikaina egin dute Bou Bizkaian. Lehen ziabogan denbora onena egin dute, baina Orio, Zierbena eta Donostiarra bi segundo eskasera zituela. Zertxobait atzerago aritu da estropadaren lehen erdian Hondarribia, baina eusten jakin du Ama Guadalupekoak. Lan erdietan Urdaibai eta Orio parean izan dira, eta Zierbena eta Donostiarra bi segundora. Brankaz aldeak handitu egin ditu Urdaibaik Gorka Aranberriren gidaritzapean. Hirugarren ziabogatik Orio eta Zierbena baino bost segundo bizkorrago irten dira bermeotarrak, eta bertatik helmugara gozatzeko aukera ere izan dute. Hondarribiak, berriz, nahikoa lan izan du puntu sorta bat ez galtzen. Aurreneko hiru luzeetan sufritzen jakin du Mikel Orbañanosen taldeak, eta hirugarren ziabogaren ostean abiatu du erasoa. Laugarren luzean berehala utzi du Donostiarra atzean, baina ezin izan du Zierbena aurreratu. Gainera, sailkapen nagusiari begira Orio tartean sartu da, eta hiru puntu galdu dituzte berdeek etxean.
2023-8-5
https://www.berria.eus/albisteak/231514/euskal-presoentzat-legezkotasuna-eskatu-dute-sarek-etaetxerat-ek.htm
Politika
Euskal presoentzat «legezkotasuna» eskatu dute Sarek eta Etxerat-ek
Manifestazioa egin dute Gasteizko jaiak hasi berritan. «Etapa berri bat» dela azpimarratu dute
Euskal presoentzat «legezkotasuna» eskatu dute Sarek eta Etxerat-ek. Manifestazioa egin dute Gasteizko jaiak hasi berritan. «Etapa berri bat» dela azpimarratu dute
«Etxera, etxera eta etxera!». Ozen entzun dira gaur oihuak Gasteizko txosnetako agertoki nagusian. Jende andana bildu da 20:00etan Andre Mari Zuriaren plazan Sarek eta Etxerat-ek deitutako manifestazioarekin bat egiteko; euskal presoei aplikatutako salbuespen politiken amaiera eskatu dute bertan bildutakoek. Azken hilabeteetan egin duten bezala, beste behin azpimarratu dute bi eragileek «etapa berri bat» zabaldu dela; hain zuzen, euskal presoei dagokienez «esperantza garaia» dela azaldu dute. Urruntze politikekin amaitu arren, ordea, «salbuespen egoerak» indarrean jarraitzen dutela salatu dute. Letra handiz Etxera zioten bi oihal handik gidatu dute manifestazioa, eta tronpeta soinuz girotuta egin dute bidea, Andre Mari Zuriaren plazatik Gasteizko txosnetara iritsi arte. Goizean egindako adierazpenetan azaldu dituzte protestaren helburuak Blanca Martinez de San Vicente eta Joseba Azkarraga Sareko ordezkariek. Hain zuzen, etapa horri hasiera ematea beharrezkotzat jo dute: «Ez dago arrazoirik, ETA desagertu zenetik hamabi urte igaro direla kontuan hartuta, gure herrialdean ezer aldatu ez balitz bezala jokatzeko». Hala ere, euskal presoen eskubideen urraketak «jarraitzen duela» gogorarazi nahi izan dute atzoko protestaren bidez. Mobilizazioaren amaieran bi eragileetako eledunek azaldu dutenez, esaterako, hainbat euskal presok zigorraren hiru laurdenak «aspaldi» bete zituzten: «Ez dago gainerako zigorra espetxetik kanpora betetzeko aukera eragozten duen legerik». Zigorra Frantziako kartzeletan bete eta Espainiara estraditatu ondoren hutsetik betetzen hasi behar izan direnen kasua ere salatu dute, eta adierazi dute «Europako esparru judizialean legez kontrakoa» dela praktika hori. Horrez gain, preso batzuk «bizi arteko zigor ezkutua» jasaten dutela adierazi dute, 40 urte arterainoko kondenen bidez: «Zigor hori Espainiako Konstituzioan jasota egon ez arren, ez eta justifikatuta birgizarteratu ahal diren presoen kasuan». Esan dute euskal presoei aplikatutako politika horiek, baina, ez dizkietela ezarri «estatu erabakiak tarteko edo inpunitatearen babesarekin hil, zauritu, torturatu edo bere boterea gehiegikeriaz» erabili dituztenei: «Gehien-gehienak ez dituzte epaitu». «Pribilegiorik ez» Gaur-gaurkoz, ez dago «inolako justifikaziorik» salbuespen juridikoari eusteko, gaur Gasteizen bildutakoen aurrean ordezkariek esan dutenez. Adierazi dute ez dutela «pribilegiorik» eskatzen preso horientzat, «legezkotasuna» baizik: «Estatuko espetxeetan dauden milaka preso horietatik edozeini aplikatzen zaion legezkotasun bera». Nabarmendu dute, horrez gain, ez dutela «errebindikazio alderdikoirik edo ideologikorik» egin nahi: «Askatasunik gabe urteak eta urteak daramatzaten horien giza eskubideak errespeta daitezela exijitzen dugu, besterik ez».
2023-8-6
https://www.berria.eus/albisteak/231536/itziar-alkorta-idiakez.htm
Itziar Alkorta Idiakez
Itziar Alkorta Idiakez.
EHUn egin du nagusiki Itziar Alkortak ibilbide profesional eta akademikoa: Zuzenbide Zibilean irakaslea da, Berrikuntza eta Kalitate Errektoreordea izan zen 2009-2012ko urteetan, eta EHUko Udako Ikastaroetan zuzendaria da 2019. urtetik. Ikastaroetako martxan, bereziki, duten «zalutasunak» gogobetetzen du Alkorta: «Gizartean eta zientzian dauden gaiak berehala etortzen dira gurera». Klima larrialdiari eta izurriei buruzko edukiak gailendu dira, esaterako, igaro urteotan. Bere jardunbide akademikoan ere begi zolia izan du beti zientzia aurrerapenek gizartean dituzten ondorioei erreparatzeko; bioteknologien eraginak aztertu ditu, datuen babesa eta eremu horien erregulaziorako irizpideak. Jakiundeko kide urgazlea ere bada.
2023-8-6
https://www.berria.eus/albisteak/231537/juan-ignacio-perez-iglesias.htm
Juan Ignacio Perez Iglesias
Juan Ignacio Perez Iglesias.
2004-2008ko aldian EHUko errektorea izan zen Juan Ignacio Perez Iglesias, eta orduan sentitu zuen erantzukizunaren zama agerikoa da oraindik bere hitzetan. «Ardura zen unibertsitatearena. Beste guztia horren alboan...». Lantalde sendoa izan arren, usu bakardade handia sentitzen dela esan du: «Klaustro baten aurrean errektore bat biluzik dago». Fisiologian katedraduna da, Kultura Zientifikoko katedraren zuzendaria, eta Jakiundeko lehendakaria. Kultura zientifikoa sustatzea du nahirik behinenetako bat, eta Jakiundek argi du zer garrantzi duen horretan.
2023-8-6
https://www.berria.eus/albisteak/231538/gasteizen-gizon-bat-atxilotu-dute-bikotekidea-jotzeagatik.htm
Gizartea
Gasteizen gizon bat atxilotu dute bikotekidea jotzeagatik
Larunbat goizean atxilotu zuten 46 urteko gizonezkoa.
Gasteizen gizon bat atxilotu dute bikotekidea jotzeagatik. Larunbat goizean atxilotu zuten 46 urteko gizonezkoa.
Gasteizko Udalak jakinarazi duenez, Udaltzaingoak 46 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo goizean, bikotekidea jotzeagatik. Erasotuak zauriak zituen, eta osasun zentro batean artatu behar izan zuten. 8:30 aldera, Gasteizko jaietan, bi gizonen arteko borroka bat ikusi zuen Udaltzaingoaren patruila batek Portal de Arriaga kalean. Biak banandu ostean, jakin zuten haietako batek bikotekidea jo zuela minutu batzuk lehenago. Biktimaren zauriak eta kolpeak ikusi ostean, atxilotu egin zuten gizona, eta osasun zentro batera eraman zuten emakumea.
2023-8-6
https://www.berria.eus/albisteak/231539/arraun-lagunak-eta-urdaibai-tartea-zabaltzen-ari-dira-etengabe.htm
Kirola
Arraun Lagunak eta Urdaibai tartea zabaltzen ari dira etengabe
Sailkapen nagusiko liderrak izan dira onenak Lekeitioko uretan. Bigarren sailkatuei tarte zabala atera diete biek.
Arraun Lagunak eta Urdaibai tartea zabaltzen ari dira etengabe. Sailkapen nagusiko liderrak izan dira onenak Lekeitioko uretan. Bigarren sailkatuei tarte zabala atera diete biek.
Joerak berretsi ditu asteburuak. Eusko Label Ligako bi estropadak irabazi ditu Urdaibaik, eta Euskotren Ligako biak Arraun Lagunak-ek. Liderrak ziren asteburua hasi aurretik, eta are liderragoak dira orain. Gaur, gainera, nagusitasunez gailendu dira Lekeitioko (Bizkaia) uretan. Bou Bizkaia-k sei punturen aldea du jada Hondarribiarekin. Ama Guadalupekoa hirugarren izan zen atzo, etxean, eta gaur laugarren postuarekin konformatu behar izan du. Ohiko bihurtzen ari den moduan, Urdaibaik poparean apurtu du estropada, bigarren luzean. Ordura arte eutsi dion bakarra Zierbena izan da. Donostiarrak bigarren postua eskuratu du, bigarren txandatik. Estropada hasieratik amaierara arte kontrolpean izan dute donostiarrek, eta sailkapenean atzetik utzi dituzte ohorezko txandako Zierbena eta Hondarribia. Txanda horretako azkenak, Oriok, zazpigarren amaitu du, Getariaren eta Lekittarraren atzetik. Etxean indarra erakutsi dute bizkaitarrek, lehen txanda irabazi eta seigarren postua eskuratuta. Atzeko postuetan, azkena egin du Santurtzik, eta jada hiru puntu eskasen abantaila atera dio Samertolameuri. Asteburuko bigarrena Emakumezkoen ligan, Urdaibairen bide bera darama Arraun Lagunakek. Gaur hamar segundo atera dizkio bigarren sailkatuari, Oriori, eta sailkapen nagusian tartea zabaltzen ari dira etengabe. Sei punturena da aldea lau estropada falta direla. Lehen luzetik hartu du aurrea Lugañene-k, eta ziabogara iristerako hiru segundoko tartea zuen Oriorekin, eta seikoa Tolosaldearekin. Ikuskizuna hor egon da: bigarren posturako lehian. Tolosaldeak estu hartu du Oriok, baina horiek eutsi diote bigarren postuari. Lehen txandan, Hondarribia nagusitasunez gailendu da.
2023-8-6
https://www.berria.eus/albisteak/231540/mathieu-van-der-poel-munduko-txapeldun-errepidean-ere.htm
Kirola
Mathieu Van der Poel, munduko txapeldun errepidean ere
Helmugarako 22 kilometro falta zirela utzi ditu atzean aurkariak, eta, erori egin bada ere, ia bi minutuko tartea atera die. Van Aertentzat izan da zilarrezko domina, eta Pogacarrentzat brontzezkoa.
Mathieu Van der Poel, munduko txapeldun errepidean ere. Helmugarako 22 kilometro falta zirela utzi ditu atzean aurkariak, eta, erori egin bada ere, ia bi minutuko tartea atera die. Van Aertentzat izan da zilarrezko domina, eta Pogacarrentzat brontzezkoa.
Afizioa egiteko modukoa izan da Glasgown jokatu den Errepideko Munduko Txapelketa. Ikusgarria izan da. Denetarik izan du: eraso mordoa, txirrindularirik indartsuenen arteko lehia, erorikoak; eguzkia, euria, ortzadarra. Azken hori zerutik elastikora eraman du Mathieu Van der Poelek, eta soinean eramango du urtebetean. Herbehereetakoa ziklo-kroseko munduko txapeldun izan zen otsailean, eta errepidekoa da orain, lehen aldiz. Indartsuenetan indartsuena izan da gaur. Harekin batera onenak izan dira Wout Van Aert (Belgika), Tadej Pogacar (Eslovenia) eta Mads Pedersen (Danimarka). Helmugarako 22 kilometro falta zirela Alberto Bettiol (Italia) zen lasterketa buruan, baina Van der Poelek aise harrapatu eta pasatu du italiarra eraso bortitz bat jota. Inork ezin izan dio eutsi, eta ohartzerako minutu erdiren aldea atera die gainontzekoei. Lasterketa apurtzear zela, ordea, erori egin da. Arriskutsua zen Glasgowko hiriguneko zirkuitua, are gehiago euria egin eta gero. Dena den, indartsuena zen Van der Poel, eta, zutitu bezain pronto, hala izan da, zauri eta guzti. Helmugan ia bi minutuko tartea atera die besteei. Otsaileko ziklo-kroseko munduko txapelketan bezala, bigarren Van Aert izan da. Askok ezinezkotzat zutena egiten ari dira bi txirrindulari horiek; txirrindularitzaren aro berriko ikur nagusietako bi dira. Ez du esprintaren beharrik izan Van Aertek zilarrezko domina eskuratzeko; hainbat metroko aldearekin zeharkatu du helmuga. Atzetik, brontzezko domina esprintean irabazi du Pogacarrek; azkarragoa izan da Pedersen esprinterra baino. Izagirre eta Aranburu, lehiakor Aurrez, lehen kilometroetan, ia zortzi minutuko tartea izan duen ihesaldi bat sortu da, lasterketa gelditu dute ekintzaile batzuen protesta bategatik eta hainbat ziklistak lehia utzi dute, tartean, izen handiek: Sagan, Alaphilippe, Philipsen, Asgreen... Glasgowko zirkuitura heltzean hasi da benetako lehia. Ihesaldia harrapatutakoan 25 txirrindulari inguruko talde bat geratu da buruan. Han ziren Ion Izagirre eta Alex Aranburu, eta, haiekin batera, tropeleko indartsuenak. Hainbat eraso izan dira: Evenepoelena, Van der Poelena, Pogacarrena... azkenean, sendoena Bettiolena izan da. Van der Poelek utzi dion arte iraun du. Munduko txapeldun berriak iazko arantza kendu du gaur. Wollongongen (Australia) ezin izan zen lehiatu, lasterketaren aurreko gauean izandako istilu baten ondorioz. Gaur eskuak buruan zituela heldu da helmugara, lortutakoa sinistu ezinda. Aurten Milano-San Remo eta Paris-Roubaix ere irabazi ditu.
2023-8-6
https://www.berria.eus/albisteak/231541/haserrea-eragin-du-lizarran-bigantxa-bati-egindako-erasoak.htm
Gizartea
Haserrea eragin du Lizarran bigantxa bati egindako erasoak
Gizon batek bigantxa bati heldu dio festetan, eta lurrean ziplo utzi du. Dozenaka lagunek gaitzetsi dute gertatutakoa sareetan.
Haserrea eragin du Lizarran bigantxa bati egindako erasoak. Gizon batek bigantxa bati heldu dio festetan, eta lurrean ziplo utzi du. Dozenaka lagunek gaitzetsi dute gertatutakoa sareetan.
Berriz ere albiste dira Lizarrako (Nafarroa) festak. Ostiralean albiste izan ziren, udaltzain batek zinegotzi bat indarrez atera zuelako udaletxeko balkoitik, ikurrina erakusteagatik. Gaur, berriz, bigantxetako bideo bat egin da biral. Han, gizon bat ikus daiteke bigantxa bati eraso egiten, ingurukoak gertatzen ari dena sinetsi ezinda daudela. Aipatutako gizonak bigantxa lurrera bota aurretik, gauza bera egiten saiatzen dira beste pare bat lagun, animaliari adarretatik eta isatsetik helduz. Unaia saiatzen da animalia babesten, baina ez diote jaramonik egiten. Sareetan askok gaitzetsi dute erasotzailearen jarrera. Beste hainbatek, berriz, zezenketen eta gisakoen aurka egin dute. Bilbon, zezenketak Azken egunetan izan da sareetan zeresana eman duen beste gai bat, hura ere zezenen ingurukoa. Euskal Herriko hainbat hiritan eta herritan bezala, Bilboko Aste Nagusian ere zezenketak izango dira. Izen handiko toreatzaileak elkartuko dira Bizkaiko hiriburuan: Andres Roca Rey, El Juli, Morante de la Puebla... Horren kontra protesta egin du, besteak beste, Bilboko Sortuk. Ostegunean sareetan jarri zuten bideo bat; han, ekintzaileak ageri dira zezenketak iragartzen dituzten kartelei pintura gorria botatzen. Ekintza horrek ere kritika ugari jaso ditu, ordea. Ez ekintzagatik beragatik, baizik eta EH Bilduk alkatetza duen hainbat herritan ere egiten direlako zezenketak. Hainbatek hipokrisia egotzi diote Sorturi.
2023-8-7
https://www.berria.eus/albisteak/231542/nigerrek-herrialdeko-aire-eremua-itxi-du.htm
Mundua
Nigerrek herrialdeko aire eremua itxi du
Bart gauean amaitu da Ecowasek junta militarrari Bazoum presidentea agintera itzularazteko eman zion epea eta ostegunean bilduko dira berriz egoeraz eztabaidatzeko. Nigerrek ohartarazi du blokea erasorako prestatzen hasi dela.
Nigerrek herrialdeko aire eremua itxi du. Bart gauean amaitu da Ecowasek junta militarrari Bazoum presidentea agintera itzularazteko eman zion epea eta ostegunean bilduko dira berriz egoeraz eztabaidatzeko. Nigerrek ohartarazi du blokea erasorako prestatzen hasi dela.
Amaitu da kortesiazko epea, eta tentsioa areagotzen hasi da Afrika mendebaldean. Nigerko junta militarrak herrialdeko aire eremua itxi du, Ecowas Afrika Mendebaldeko Estatuen Ekonomia Erkidegoak militarki esku hartzeko aukeraren harira, eta nabarmendu du «prest» daudela «herrialdearen osotasuna defendatzeko». Bide beretik, kolpistek ohartarazi dute «erantzun indartsua eta berehalakoa» jasoko duela Nigerko aire eremua urratzen duen edonork. Blokeak astebeteko epea eman zion junta militarrari Mohamed Bazoum presidentea agintera itzularazteko; bart gauerdian amaitu da hori. Armetara jotzea Ecowasen «azken baliabidea» da; dena dela, junta militarrak ohartarazi du «gerra baterako plana» finkatu duela Ecowasek, eta eskualdeko bi herrialde hasiak direla erasorako prestatzen. «Atzerriko potentzia» bat ere horretan ari dela jakinarazi du. Hamabost herrialdek osatzen dute Ecowas erkidegoa, eta gehientsuenak lerrokatu dira Nigerko estatu kolpearen kontra. Negoziazio politikoen bideak itxita direla dirudi, oraingoz; Ecowas militarrekin eta Bazoumekin elkartzen saiatu zen joan den astean, Niamei hiriburuan, baina bilerak ez zuen emaitzarik izan. Ostegunean Abujan bilduko dira berriz blokeko ordezkariak, Tinubuk berak eskatuta. Sare sozialetan plazaratu duten oharraren arabera, «Nigerko testuinguruko politikoaz hitz egiteko». Erakundeak ez du xehetasun gehiagoren berri eman. Nigeriak, Beninek, Boli Kostak eta Senegalek jada baieztatu dute beren armadak eskura dituztela Nigerren esku hartzeko eta «ordena konstituzionala berriz ezartzeko». Nigeriak du erkidegoko armadarik handiena eta indartsuena. Uzkur dira, ordea. Bola Tinubu Nigeriako presidente eta Ecowaseko buruzagiak erasoaldiaren alde egin zuen Bazoum agintera bueltatzeko. Atzo, baina, Nigeriako Senatuak uko egin zion presidentearen nahiari, eta beste bideren bat bilatzeko eskatu zuen. Dena den, ez litzateke lehen aldia Nigeriak militarki esku hartzen duena Senatuaren onespenik gabe. 2017an, Muhammadu Buharik, orduko gobernuburuak, militarrak bidali zituen Gambiara, goi ganberaren nahiaren aurka. Esku hartzearen ondorioz, kargutik kendu zuten Yahya Jammeh jarduneko presidentea —oposizioko buru Adama Barrowk irabaziak zituen hauteskundeak, baina Jammehk uko egin zion kargua uzteari; hori argudio hartuta bidali zituen militarrak Nigeriak—. Agerikoa da Ecowasen parte diren herrialdeen arteko zatiketa. Junta militarrak daude agintean Gineako Errepublikan, Malin eta Burkina Fason. Eta azken bi horiek jada argi utzi dute Nigerren kontrako oldarraldia haien kontrako «gerra deklarazio bat» litzatekeela. Hori dela eta, Nigerko estatu kolpetik bi astera, Frantziak iragarri du Burkina Faso ekonomikoki laguntzeari utziko diola «beste agindurik eman arte». Aurretik, laguntzak eten zizkion Frantziak Nigerri ere. Ecowasek ere zigor ekonomikoak ezarri zizkion; besteak beste, energia salerosketak etetea. Neurria presio handikoa da Nigerrentzat, kontsumitzen duen energiaren %90 eskuratzen baitu Nigeriatik, Energia Berriztagarriaren Nazioarteko Agentziaren arabera. Militarren kolpearen ondotik, herrialdeko muga guztiak itxi zituzten. Hortik astebetera, junta militarrak mugako bide batzuk ireki zituen. Aljeriarekin, Burkina Fasorekin, Libiarekin, Malirekin eta Txadekin dituen mugak zabalik daude; aldiz, oraindik itxita daude Beninekin eta Nigeriarekin dituenak. Atzo, Nigerko junta militarraren 30.000 jarraitzaile inguru bildu ziren Niameiko Seyni Kountche estadioan. Juntako buruzagien irudiekin eta Errusiako banderekin bertaratu ziren zenbait. Nazioarteko babesa Gaur-gaurkoz, esku hartze militar batek ez luke izango NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluaren babesik, hartako kideen artean ere jarrerak ez baitatoz bat. Frantziak, zeinak interes ekonomikoak dituen herrialdean, argi utzi du sostengatu egingo duela Ecowasen edozein ekintza. Errusiak, aldiz, ez du esku hartzerik nahi, baina Wagner talde paramilitarrak laguntza eskaini die kolpistei. Ez litzateke lehen aldia mertzenario taldeak estatu kolpe bat jo duten militarrei laguntzen diena: Malin, esaterako, 2021etik ari dira armadari laguntzen, eta haien eragina handia da Afrika Erdiko Errepublikan eta Libian ere. Bestalde, Italiako Atzerri ministro Antonio Tajanik itxaropena agertu du Ecowasek luzatu egingo duela junta militarrari ezarritako epemuga eta elkarrizketak lehenetsiko dituela. Hala adierazi du La Stampa egunkariari eskainitako elkarrizketa batean: «Diplomazia da bide egoki bakarra». Hala ere, okerrenerako prestatu da Italia bera ere, eta balizko borroketatik ihesi hel daitezkeen italiar zibilentzako tokia egin du herrialdean duen base militarrean.
2023-8-7
https://www.berria.eus/albisteak/231543/gizon-bat-atxilotu-dute-gasteizko-jaietan-adingabe-bati-sexu-eraso-bat-egitea-leporatuta.htm
Gizartea
Gizon bat atxilotu dute, Gasteizko jaietan adingabe bati sexu eraso bat egitea leporatuta
Gasteizko festak hasi zirenetik gertatu den laugarren erasoa da. Bestalde, Nafarroako Foruzaingoak zazpi gizonezko atxilotu ditu asteburu honetan, emakumeen aurkako delituak egotzita
Gizon bat atxilotu dute, Gasteizko jaietan adingabe bati sexu eraso bat egitea leporatuta. Gasteizko festak hasi zirenetik gertatu den laugarren erasoa da. Bestalde, Nafarroako Foruzaingoak zazpi gizonezko atxilotu ditu asteburu honetan, emakumeen aurkako delituak egotzita
Gizon bat atxilotu dute, Gasteizen herenegun emakume adingabe bati sexu eraso bat egitea egotzita. Gasteizko Udalak ez du informazio gehiagorik eman, biktima adingabea baita. Iñaki Gurtubai Herritarren Segurtasunerako zinegotziak Radio Vitorian azaldu duenez, erasotzailea atxilotu egin zuten herritarren laguntzari esker. Bestalde, 45 urteko gizon bat atxilotu dute gaur goizaldean Gasteizen, bikotekide ohiari mehatxu egin eta haren etxeko atean azidoa botatzeagatik. Gizonak armak edukitzeari buruzko agindu judizial bat ere urratu du. Erasoa goizaldeko 2:00 aldera gertatu da. Ordu horretan, Udaltzaingoak emakume baten dei bat jaso du; Txagorritxu auzoko etxetik deitu die, laguntza eske. Biktimak azaldu duenez, gizon bat, haren etxera sartzeko asmoz, etxeko atean azidoa botatzen ari zen. Poliziak hara iritsi direnean, handik alde egitera zihoan gizon bat atzeman dute, laguntza eske deitu duen emakumearen bikotekide ohia, hain zuzen ere. Poliziek, biak elkarrizketatu ondoren, gizona atxilotu dute, emakumeari mehatxuak egitea eta armak edukitzeari buruzko neurri judiziala urratzea egotzita. Horiez gain, Gasteizko Udaltzaingoak jakinarazi du igande goizean 22 urteko gazte bat atxilotu zutela, emakume bati sexu eraso bat egitea egotzita. Erasoa igandean gertatu zen, 6:30 aldera. Beste arrazoi batengatik Jose Erbina kalean esku hartzen ari zen uniformerik gabeko polizia patruila bati gazte talde batek jakinarazi zien mutil batek neska bati eraso egin ziola kalean lehentxeago. Poliziak deklarazioa hartu zieten erasotzaileari eta biktimari. Bikotekideak ziren. Gizonak egindakoa onartu zuen, eta atxilotu egin zuten. Gasteizko jaiak hasi zirenetik, indarkeria matxista leporatuta lau gizonezko atzeman dituzte. Izan ere, joan den larunbatean 49 urteko beste gizon bat ere atxilotu zuten, emakume bati sexu eraso bat egitea leporatuta. Udaltzainek gizon bat ikusi zuten kalean korrika, eta hainbat lagun haren atzetik. Poliziek gizona geldiarazi zuten, eta zenbait lekukok adierazi zuten gizona ikusia zutela emakume bati eraso egiten. Haien arabera, gizona lurrean etzanda zegoen, emakume baten gainean, hari ukituak egiten bere borondatearen aurka. Biktimak ere erasoa berretsi zuen. Gizona atxilotuta eraman zuten; guardiako epailearen aurretik pasatu zen atzo, eta hark aske utzi zuen. Nafarroan, zazpi eraso Indarkeria matxista kasuak ez dira Gasteizen soilik izan egunotan. Nafarroako Foruzaingoak zazpi gizonezko atxilotu ditu asteburu honetan, emakumeen aurkako delituak egotzita. Horietako bi Iruñean gertatu dira, bi urruntze neurri hausteagatik. Beran, gizonezko bat atxilotu dute sexu askatasunaren aurkako delitu bat leporatuta. Mutiloan, berriz, beste gizon bat atzeman dute, emakume bati eraso egin diolakoan eta harengandik aldentzeko agindua urratu duelakoan. Lizarran ere gizon bat atxilotu dute, emakume bati eraso egitea leporatuta, eta, gainera, beste baten inguruko ikerketa bat abiatu dute: Foruzaingoak azaldu duenez, sakelakoarekin bere bikotekidearekin izandako sexu harremanak grabatu zituen, emakumearen baimenik gabe.
2023-8-7
https://www.berria.eus/albisteak/231544/eajk-uko-egin-dio-ppren-gobernu-bat-babesteari.htm
Mundua
EAJk uko egin dio PPren gobernu bat babesteari
Vox prest agertu da Feijooren inbestiduraren alde egiteko, baina gobernuan sartu gabe. PPk, ordea, ez du nahikoa eskuin muturraren aldeko botoekin.
EAJk uko egin dio PPren gobernu bat babesteari. Vox prest agertu da Feijooren inbestiduraren alde egiteko, baina gobernuan sartu gabe. PPk, ordea, ez du nahikoa eskuin muturraren aldeko botoekin.
PP Alderdi Popularrari babesa eman eta gobernutik at geratzeko prest agertu zen atzo eskuin muturreko Vox alderdia, «Espainiaren etsaiek Pedro Sanchez gobernuburu izendatzearen arriskua saihesteko». Alderdiak komunikatu batean eman zuen bere asmoen berri, eta iragarri zuen «gehiengo konstituzional bat» osatu ahal izatea dela bere asmoa, «konstituzioaren oinarriak suntsitu nahi dituztenen sostengurik gabe». Alde horretatik, Voxeko 33 diputatuak prest leudeke PPko presidentegai Alberto Nuñez Feijooren alde bozkatzeko balizko inbestidura saio batean. EAJk, ordea, ez du eskuin muturrak zabaldutako bidetik jo nahi, eta berretsi du ez duela Feijooren inbestiduraren alde bozkatuko. Alderdiak gogorarazi du EBB Euzkadi Buru Batzarrak erabaki bat hartu zuela uztailaren 24an, bozak egin eta hurrengo egunean: ez zuela PPko buruaren gobernua babestuko eta ez zela PPrekin eseriko hitz egiteko. Gaur bertan sareetan zabaldutako txio batean gogorarazi du erabaki hura, eta berretsi du ez duela atzera egingo; zenbait «bazterrak nahasten» dabiltzala salatu du. Feijoorentzat, «aurrerapauso bat» da Santiago Abascalen alderdiaren erabakia, besteak beste, atzera egin duelako gobernuan sartzeko baldintzan. Dena den, eskuin muturraren babesarekin ere, aldeko 170 boto izango lituzke alderdi kontserbadoreak; horiei Coalicion Canariarenak gehituta, 172ra iritsiko lirateke. Baina, hala ere, ez dira ailegatzen gehiengoa eskuratzeko beharrezko 176 botoetara. Hori dela eta, PPko koordinatzaile Elias Bendodok hitz egiteko eskaintza berretsi dio goizean EAJri, argudiatuta testuingurua «aldatu» egin dela, eta dagoeneko ez duela zentzurik eskuin muturrari ezarritako betoari eusteak. «PPk badu gaitasuna eskuineko nahiz ezkerreko alderdiekin hitz egin eta ia denekin akordioak lotzeko. Akordioak egin ditugu Voxekin, baina ez harekin bakarrik: Katalunian PSOErekin egin ditugu, Donostian EAJrekin...», nabarmendu du COPE irrati kateari eskainitako elkarrizketan. Bendodok nabarmendu du, gainera, Sanchezek 24 alderdiz osatutako koalizio gobernuaren aldean, «hobe» dela hauteskundeak irabazi dituen alderdiek agintzea: «Frankenstein bera txiki edo ezerezean geratuko litzateke, Sanchezek eraiki beharko lukeenaren ondoan». Aldiz, PPren asmoa litzateke «kolore bakarreko gobernua» osatzea, «sendoa eta espektro zabalekoa».
2023-8-7
https://www.berria.eus/albisteak/231545/siemens-energyk-3632-milioiren-galerak-izan-ditu-gamesaren-arazoengatik.htm
Ekonomia
Siemens Energyk 3.632 milioiren galerak izan ditu, Gamesaren arazoengatik
Haize erroten modelo berriak izandako arazo teknikoek 1.600 euroko zuloa eragin diote konpainiari. Lantegiak saltzeko asmoari eusten dio, baina ez du argibiderik eman.
Siemens Energyk 3.632 milioiren galerak izan ditu, Gamesaren arazoengatik. Haize erroten modelo berriak izandako arazo teknikoek 1.600 euroko zuloa eragin diote konpainiari. Lantegiak saltzeko asmoari eusten dio, baina ez du argibiderik eman.
Siemens Energyk jakinarazi du azkeneko bederatzi hilabeteetan 3.632 milioi euroren galerak izan dituela, eta gehienak Siemens Gamesa Euskal Herriko filialak eragin dituela. Iazko datuekin alderatuta, halako bost dira aurtengo galerak. Gehienak azken hiru hilabeteetan pilatu ditu: 2.931 milioi. Urrian amaituko duen urte fiskalari begira, multinazionalak aurreikusten du egoerak okerrera egingo duela, eta guztira 4.500 milioi galduko dituela. Siemens Gamesak Zamudion (Bizkaia) du egoitza, eta Euskal Herriko bi fabriketan eta munduan zehar dituen gainerakoetan haize errotak egiten ditu, lurrekoak eta itsasokoak. Lurreko 4.X eta 5.X aerosorgailu modeloak amesgaizto bat bihurtu dira, bereziki bigarrena; bibrazioak eragiten dituzte, eta matxuratu egiten dira. Joan den ekainaren amaieran, konpainiak aurreratu zuen turbinetan antzemandako arazo teknikoek gutxienez 1.000 milioi euroren galerak eragingo zituztela. Estimazioa, baina, txiki geratu da. Gaur kaleratutako emaitzen arabera, 1.600 milioirenak izango dira. 5.X aerosorgailuak enpresaren produktu izarra izan behar zuen, baina berrehun ale baino ez dituzte saldu. 5.X modeloa sortzeko egitasmoa 2019an abiatu zuten, Alemaniako multinazionala Gamesaren jabe egin eta bi urtera. Lehen prototipoa 2021ean jarri zuten martxan, eta, urte hartako uztailean, konpainiak onartu zuen arazoak zeudela. «Behar bezala frogatu gabeko turbinak saldu genituen. Geure anbizioen biktima bihurtu gara», adierazi du Jochen Eickholtek, Siemens Gamesako kontseilari ordezkariak Enpresa ez da gai izan arazo tekniko horiei irtenbidea emateko. Eta horrek hainbat ondorio ditu: alde batetik, dagoeneko zerbitzuan dauden haize erroten konponketa kostuak daude. Eta, bestetik, bezeroekin sinatutako kontratuek ezartzen dituzten zigorrak. Dagoeneko martxan dauden eta matxurek eragindako geldialdiengatik elektrizitatea ekoiztera iristen ez diren aerosorgailuengatik, penalizazioak dituzte, eta, halaber, entregen atzerapenak ere beste penalizazio batzuk sortu dizkie. Horri guztiari lehengaien kostuen igoera eta inflazio handia gehitu behar zaizkio. Konpainiako buruek azaldu dutenez, ezin da zehaztu zenbat denbora beharko duen arazoak konpontzeko, «oso konplexuak» baitira. Aditzera eman dute hornitzaileengandik datozela, eta horietako batzuk jada «baztertu» dituztela eta hautatzeko sistema «zorroztu» dutela. Gainera, aurreratu dute enpresa horiei erantzukizun ekonomikoak eskatzea aztertzen ari direla. Ikusteko dago konpainiaren galera handiek nolako eragina izango duten harentzat lan egiten duten Euskal Herriko enpresa hornitzaileentzat: iaz, 700 milioi euro inguruko erosketak egin zizkien. Lantegien salmenta Siemens Energyren gainerako dibisioek irabaziak izan dituzte aurten, baina Gamesaren galera handiak Alemaniako multinazionalaren beste negozioak baldintzatzen ari dira. Horiek hala, pisuzko erabakiak hartzen ari da azkenaldian. Joan den urtearen amaieran, taldeak Espainian dituen fabrika guztiak jarri zituen salgai, bat izan ezik, eta Euskal Herrian geratzen zaizkion biak ere saltzeko asmoa du: Mungiakoa (Bizkaia) eta Asteasukoa (Gipuzkoa). Multinazionalak Zamudion (Bizkaia) duen egoitzari eutsiko lioke, baita Iruñerrian dituen bulegoei eta logistika guneari ere. Agoizko (Nafarroa) lantegia 2020ko udan itxi zuten. Emaitzen aurkezpenekin batera, konpainiak fabriken salmentari buruzko informazioa ematea espero zen, baina ez du argibiderik eman. Espainiako Cinco Días egunkari ekonomikoaren arabera, Suitzako ABB izan daiteke erosleetako bat. Sektoreko enpresa da ABB, eta sorgailu eta bihurgailu elektrikoen adarra erosteko asmoa agertu du. Madrilen, Valentzian eta Kantabrian ditu lantegiak. Mungiako eta Asteasuko fabriketan, haize erroten palen biraketak eragiten duen energia elektrizitate sorgailura transmititzeaz arduratzen diren ekipoak egiten dituzte. Mungian 50 pertsonak egiten dute lan, eta Asteasun 350ek. Bigarren horretan lan hitzarmena berritzeko akordioa egin zuten iazko urrian. Haren arabera, lantegia salduz gero, lanpostuak, lan baldintzak eta lan kargak bermatu beharko lirateke. Maiatzean, enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientea jarri zuen abian enpresak, lan karga jaitsi egin dela argudiatuta. Bulegoetan, berriz, 475 lanpostu kentzeko asmoz, enplegua erregulatzeko espediente bat iragarri zuen iazko irailean Siemens Gamesak. Prozesua amaitu berri da, eta 121 langile beste postu batzuetan hasi dira, 83k erretiro aurreratua hartuko dute, eta 139k ontzat hartu dute enpresak eskainitako kalte ordaina.
2023-8-7
https://www.berria.eus/albisteak/231546/asteazkenean-alerta-laranja-ezarriko-dute-hego-euskal-herrian-beroarengatik.htm
Gizartea
Asteazkenean alerta laranja ezarriko dute Hego Euskal Herrian beroarengatik
Alerta eguerdian ezarriko da, eta 21:00ak arte iraungo du. Baliteke tenperaturarik beroenak 40 gradura iristea, eta ostegunean eguraldia aldatu egingo da, hoztu egingo baitu.
Asteazkenean alerta laranja ezarriko dute Hego Euskal Herrian beroarengatik. Alerta eguerdian ezarriko da, eta 21:00ak arte iraungo du. Baliteke tenperaturarik beroenak 40 gradura iristea, eta ostegunean eguraldia aldatu egingo da, hoztu egingo baitu.
Astebete euripean egon ondoren, bero bolada dator orain. Asteazkena izango da egunik beroena. Horregatik, asteazkenerako alerta laranja ezarri dute Hego Euskal Herri osoan; kostaldean izan ezik, abisu horian egongo baita. Ia toki guztietan alerta ordu berdinean ezarri eta kenduko da. Euskalmetek esan du alerta egoera 12:00etan hasi eta 21:00etan bukatuko dela. Bizkaian eta Gipuzkoan iragarpen oso berdintsua dago. Kostaldean abisu horia, eta barnealdean alerta laranja. 40 gradura iristea posible da barnealdeko tokiren batean. Bestalde, Araba osoa alerta laranjan egongo da, eta probintzia osoan oso tenperatura altuak espero dira. Nafarroan, alerta laranja ezarri dute erdialdean eta Ebroren ibarrean, eta abisu horia isurialde atlantikoan eta Pirinioetan. Aemetek esan du Nafarroan aste honetan suteak egoteko aukera handia dagoela. Oro har, tenperatura oso altuak espero dira Hego Euskal Herri osoan. Bero boladaz gain, Afrikatik oso haize beroa datorrelako hego-ekialdetik. Gauak ere beroak izatea espero dute, gutxieneko tenperatura kostaldean 26-27 gradutik ez da jaitsiko, eta Araban ez da 30 gradutik jaitsiko. Ostegunean, iparretik datorren haizearen ondorioz, tenperaturak asko aldatuko dira. Ostegunean, kostaldean 26 gradukoak izango dira tenperaturarik beroenak, eta barnealdean, berriz, 29-33 gradukoak.
2023-8-7
https://www.berria.eus/albisteak/231547/gasteizko-kale-saltzaileekiko-politika-arrazistak-salatu-ditu-labek.htm
Gizartea
Gasteizko kale saltzaileekiko «politika arrazistak» salatu ditu LABek
120 euroko isunak jartzen ari direla egiaztatu ahal izan duela esan du LABek.
Gasteizko kale saltzaileekiko «politika arrazistak» salatu ditu LABek. 120 euroko isunak jartzen ari direla egiaztatu ahal izan duela esan du LABek.
Gasteizko jaietan, udaltzainak kalerik kaleko salmentan aritzen diren pertsonei jazartzen zaizkie, LAB sindikatuaren arabera; azpimarratu du kaleko salmenta ez dela delitua. «Aginduak argia dirudi: identifikatu, isuna jarri (120 euroko isunak jartzen ari direla egiaztatu ahal izan du LABek) eta salgai dauden produktuak konfiskatu (kapelak, betaurrekoak...)», adierazi du ohar batean. Sindikatuaren arabera, hori da udaltzainak egun hauetan egiten ari direna. Jokabide horien oinarriak jaietako bandoan eta udal araudian daudela esan du, «biak ala biak muturrera eramanez eta pertsona hauei jazarriz». Jarraitu irakurtzen: Gasteizko kale saltzaileekiko "politika arrazistak" salatu ditu LABek
2023-8-7
https://www.berria.eus/albisteak/231548/brugge-edo-akureyri-osasunaren-aurkari-konferentzia-ligan.htm
Kirola
Brugge edo Akureyri Osasunaren aurkari Konferentzia ligan
Bi talde horiek jokatuko duten kanporaketatik aterako da Jagoba Arrasateren taldearen aurkaria atariko kanporaketa jokatzeko.
Brugge edo Akureyri Osasunaren aurkari Konferentzia ligan. Bi talde horiek jokatuko duten kanporaketatik aterako da Jagoba Arrasateren taldearen aurkaria atariko kanporaketa jokatzeko.
Osasuna hasi da argitzen zein izango den bere bide orria Konferentzia ligan. Gaur egin da zozketa, eta gorritxoek Belgikako Bruggeren edo Islandiako Akureyriren kontra jokatuko dute multzoen fasean aritzeko atariko kanporaketa. Bi talde horiek datorren ostegunean eta hilaren 17an jokatuko dute kanporaketa, eta irabazlearen aurka neurtu beharko ditu indarrak Jagoba Arrasateren taldeak abuztuaren 24an eta 31n txapelketan jarraitzeko. Brugge talde aski ezaguna da, eta eskarmentu handia du Europako txapelketetan. Fiorentinarekin batera, Osasunari egokitu ahal zitzaion kontrario gogorrena da. 22 aldiz jokatu du Txapeldunen Ligan, 32 aldiz garai bateko UEFAn, eta 6 aldiz Errekopan. 18 aldiz irabazi du Belgikako liga, eta 11 aldiz Kopa. Aurreko sasoia, ordea, kaskarra izan zen haientzat. Izan ere, laugarren amaitu zuten, Gent txapeldunarengandik 17 puntura. Europan, ordea, ibilbide oparoa egin zuen. Txapeldunen Ligako multzoen fasea jokatu zuen. Aurkari izan zituen Porto, Bayer Leverkusen eta Atletico Madril, eta aurrera egitea lortu zuen. Azkenerako, Benficak kanporatu zuen final-zortzirenetan. Egun dituen jokalarien artean ezagunenak Simon Mignolet atezaina eta Ferran Jutgla aurrelaria dira, besteak beste. Azken horrek Bartzelonan jokatu zuen. Belgikarrek jada jokatu dituzte denboraldi honetako ligako bi jardunaldi. Garaipen bat eta berdinketa bat pilatu dituzte. Aurkari askoz ezezagunagoa da Akureyri. Islandiako taldeak bosgarren amaitu zuen bere liga aurreko sasoian. 1.700 zale kabitzen dira haren estadioan, eta 2003an jokatu zuen azken aldiz Europan. Intertotoko atarikoa jokatu zuen, baina kanporatua izan zen.
2023-8-7
https://www.berria.eus/albisteak/231549/akordioa-egin-dute-psn-geroa-bai-eta-zurekin-nafarroak.htm
Gizartea
Akordioa egin dute PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroak
Geroa Baik goizean aztertu du PSNren azken proposamena, bilera luze batean. Arratsaldean hiru alderdiak elkartu dira, eta Geroa Baik beste proposamen bat aurkeztu du.
Akordioa egin dute PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroak. Geroa Baik goizean aztertu du PSNren azken proposamena, bilera luze batean. Arratsaldean hiru alderdiak elkartu dira, eta Geroa Baik beste proposamen bat aurkeztu du.
Gobernu akordioa egin dute Nafarroan. PSNko, Geroa Baiko eta Zurekin Nafarroako ordezkariak arratsaldean bildu dira, 17:00ak aldean. Aldi berean eta puntuan agertu dira bilerara. Ramon Alzorriz, Ainhoa Unzu eta Jorge Agirre joan dira PSNren izenean; Uxue Barkos, Maria Solana, Pablo Azkona eta Unai Hualde Geroa Bairen izenean; eta Begoña Alfaro, Carlos Guzman eta Iñigo Rudi Zurekin Nafarroaren ordezkari. Nafarroako Parlamentuan bertan egin dute bilera. Geroa Baik kontraproposamen bat aurkeztu die beste taldeei arratsaldean, baina oraindik ez da zabaldu horren xehetasunik. Iragan astean PSNk gobernu berria otsatzeko proposamen bat luzatu zion Geroa Bairi. Ordurako, Zurekin koalizioarekin akordioa egina zuen. Maria Solanak, negoziazioetan Geroa Bairen bozeramaile aritu denak, ostiralean adierazi zuen denbora beharko zuela Geroa Baik proposamena aztertzeko. Gaur goizean egin du azterketa hori Geroa Bairen Batzorde Iraunkorrak. 10:00etan hasi da bilera hori, eta, 12:30ean, EAJko kide batzuek bilera utzi dute. Maria Solanak, Unai Hualde Napar Buru Batzarreko presidenteak eta Mikel Irujo Garapen Ekonomikoko jarduneko kontseilariak ez dute adierazpenik egin nahi izan. Ondoren, Geroa Bairen egoitzan sartu dira Javier Dominguez —Uxue Barkosen gobernuko Osasun kontseilari ohia—, Patxi Leuza Iruñeko zinegotzi ohia eta Ana Ansa parlamentari ohia. Informazio gehiagoren faltan, jeltzaleek egoitza utzita, egoera bere osotasunean aztertu dute Geroa Sozialberdeak alderdiko kideek, eta horretarako joan dira egoitzara beste hiru kide horiek. Ikusi gehiago: Txibite baikor dago, baina Solanak ohartarazi du oraindik falta dela Geroa Bai koalizioaren barne antolamenduaren arabera, Batzorde Iraunkorra alderdiaren organo gorena da, eta, zuzendaritza gisa, eguneroko erabakiak hartu ohi dituzte bertako kideek. Koalizioaren egiturari buruzko aldaketak aho batez hartu behar dira, eta gainerakoak, gehiengo osoz. Haatik, EAJk edo Geroa Sozialberdeek hala erabakitzen dutenean, botoen bi heren beharko dira. Pentsatzekoa da, hain gai garrantzitsua izaki, Nafarroako Gobernuaren inguruko posizioak bi herenen babesa beharko lukeela. Berez, alderdiek ostegunean militantziari galdetu zioten negoziazioen nondik norakoez eta azken proposamenaz, eta, ondorioz, oinarrien iritzia bildu dute. Haatik, barne eztabaidaren xehetasunik ez dute eman. Gaur goizeko bilerak lau ordutik gora iraun du, eta horrek adierazten du eztabaida egon badagoela. Azken proposamena PSNren azken proposamenean jaso zenez, Geroa Baik lau departamendu kudeatuko lituzke: Osasuna, Garapen Ekonomikoa, Herritarrekiko Harremanak eta Landa Garapena eta Ingurumena. Aurreko legealdiarekin alderatuta, Etxebizitza galduko luke Geroa Baik —Zurekin Nafarroaren eskuetan geratuko litzateke—. Geroa Baik uste du departamendu horretan lan handia egin dutela, Etxebizitzaren foru legea aurrera atera duelako. Dena den, hasieratik nabarmendu dute egungo ordezkaritzari eustea dela euren helburua, eta PSNren proposamenak kontuan hartu du hori. Haatik, gobernuaren kohesioak eta barne funtzionamenduak ere kezka eragiten du koalizioaren barruan. Maria Solana eledunak iragan aste amaieran argi esan zuen hitzartutakoak ez duela ezertarako balio, baldin eta gero PSNk ez badu hitza betetzen. Horregatik, desadostasunak kudeatzeko prozedura zehatzagoa izatea eskatzen ari dira, eta ematen du orain artekoarekin ez daudela konforme. Akordio programatikoa bera ere ez dago guztiz lotuta. Arratsaldeko bileran, detaile guztiok egongo dira mahai gainean. Azken egunetako zantzuen arabera, akordioa gertu dago, baina ikusi beharko da hala den edo oraindik ere azken ukituen inguruko xehetasunek are gehiago luzatuko duten negoziazioa. Inbestidura noiz Akordioa egingo balute ere, oraindik pauso asko geratuko lirateke emateko. Lehenik eta behin, Unai Hualde parlamentuko presidenteak taldeetako eledunak deitu behar ditu hautagaien artean nahikoa babes biltzen duen inor baden aztertzeko. Egun bakarrean egin nahiko luke tramite hori, baina, ondoren, parlamentuko araudiaren arabera, gutxienez hiru egun pasatu behar dira osoko bilkura egin aurretik. Tarte horretan, EH Bilduren militantziak erabaki beharko du zer egin Maria Txibiteren inbestiduran. Blokeo egoera zegoenean, baiezko botoa aztertuko zutela adierazi zuen Laura Aznal eledunak, baina, azkenean akordioa balego, abstentzioak zentzu handiagoa du. Abstentzioak eta baiezkoak, jakina, esanahi politiko desberdinak dituzte, baina ondorioak izango ditu egutegiari begira. Abstentzioaren alde eginez gero, Txibiteren inbestidurak bi egun iraungo luke, lehen itzulian gehiengo osoa eskatzen baitzaio eta biharamunean gehiengo sinplea. Oraindik zehaztu gabe dago noiz egin daitekeen. Edozein kasutan, Foru Hobekuntzak eta parlamentuko araudiak ezarritako hiru hilabeteko epearen barruan egingo litzateke inbestidura, eta gobernua abian jarri.
2023-8-7
https://www.berria.eus/albisteak/231551/preljocaj-balletaren-everest-igotzeko-prest.htm
Kultura
Preljocaj, «balletaren Everest» igotzeko prest
Preljocaj balletak Beltxargen aintzira taularatuko du gaur, Kursaal auditoriumean, Donostiako 84. Musika Hamabostaldian. Sarrera guztiak salduta daude dagoeneko.
Preljocaj, «balletaren Everest» igotzeko prest. Preljocaj balletak Beltxargen aintzira taularatuko du gaur, Kursaal auditoriumean, Donostiako 84. Musika Hamabostaldian. Sarrera guztiak salduta daude dagoeneko.
«Balletaren Everest da». Halaxe deskribatu du Dany Leveque koreologoak Beltxargen aintzira, Preljocaj balletak gaur estreinatuko duen lan klasikoa. Angeline Preljocaj koreografoak, Everest horretara igo nahian, obraren bertsio berritzaile bat sortu du, eta horixe aurkeztuko du gaur 20:00etan haren balletak, Kursaal auditoriumean. Jatorrizko kontakizunean, maitasun istorio bat da ardatza, eta, horri pisurik kendu ez badio ere, naturak garrantzi handiagoa hartzen du Preljocajen bertsioan. Piotr Ilix Txaikovskik dantzarako musikan egindako lehen obra izan zen, 1877an sortua, eta musika klasikoko lanik nabarmenetako bat da. Dena dela, sortu eta hogei urtera egin zen ospetsu obra, konpositorea hil ondoren. Obra klasikoan, Rothbart aztiak beltxarga zuri bihurtzen du Odette printzesa, sorginkeriaz. Sigfrido printzea bere lagunekin dago urtebetetzea ospatzen, eta, halako batean, ikusten du beltxarga zuri horietako bat nola bihurtzen den neska eder bat. Maitemindu egingo dira, eta Odettek sufritzen ari den sorginkeria kontatuko dio Sigfridori: egunez beltxarga bat da, eta gauez bakarrik bihurtuko da printzesa, sorginkeria hausten ez den bitartean behintzat. Preljocaj Balletaren bertsioak, ordea, Beltxargen aintzira-ko musikaren %90 du bakarrik; beste %10, berriz, Txaikovskiren beste obra batzuen zatiak edo musika garaikidea dira. Aldaketarik nabarmenena, ordea, animaliek obran duten garrantzia da; izan ere, animalien heriotzak kezkatu egiten zuen Preljocaj, eta ikuspegi ekologiko batetik sortu du koreografoak pieza berria, petrolioaren mundu iluna eta naturaren edertasuna kontrajarri nahian. Jaialdiaren antolatzaileen ustez, publikoa Beltxargen aintzira-ren bertsio klasikora ohituta dago, eta, oraingo honetan, molde hori alde batera utzi gabe, «klasikoarekiko oreka perfektu bat» lortu dute Preljocajekoek. «Apurtzailea da. Obra klasikoan ez da animaliez hitz egiten: printzesaz eta printzeaz bakarrik hitz egiten da. Baina animaliek aintziran duten rola eta garrantzia oso interesgarria da bertsio berrian», adierazi du Isabel Garciak, Beltxargaren rola beteko duen dantzariak. Preljocajek gogoko du bere koreografien bidez ipuinak kontatzea. Edurnezuri eta Romeo eta Julieta obrak ere balletera eraman ditu, eta 2020an, pandemia betean, Beltxargen aintzira-rekin hasi zen lanean. «Sorkuntza bizia izan zen, bai Angelinentzat, bai dantzariontzat, ez baikenekien gero zer gertatuko zen», adierazi du Garciak. Preljocajek Marius Petipa ––pieza klasikoaren koreografiaren sortzailea–– omendu nahi du bere bertsioarekin, eta, bere ustez, haren sormen prozesua berrasmatzea zen omentzeko modurik onena. Roletan ere aldaketak Koreografo frantziarrak 2018tik zuen ballet hori berriz pizteko asmoa, eta obrako protagonisten istorioa aldatzeari ekin zion. Printzesa eta printzea dira jatorrizko laneko protagonistak, eta hori ez da aldatu. Dena dela, printzearen rola jokatuko duen dantzari Leonardo Cremaschik adierazi duenez, «naturaz gehiago kezkatuko da Sigfrido» bertsio berrian. Halaber, printzearen gurasoek aldaketa batzuk dituzte oraingo honetan; adibidez, printzearen aita boterea besterik axola ez zaion tirano bat da, aintzirarentzat ezer onik ekarriko ez duena, eta ama, aldiz, babeslea. Rothbart pertsonaia ere ageri da bertsio berrian, baina orain naturarekiko lotura handiagoa du, eta gizartearentzat kaltegarriak izan daitezkeen jarduerak egiten dituzten industrialariak irudikatzen ditu. Preljocaj balletak 30 dantzari iraunkor ditu gaur egun, eta 120 emanaldi egiten ditu urtean, bai Frantzian eta bai nazioartean. 2021eko azaroan egon zen konpainia Donostian azken aldiz, Kursaal Eszenaren programazioan, Franz Schuberten Die Winterreise liederren zikloa eta Wilhelm Mullerren poemak oinarri dituen Winterreise obra aurkezten.
2023-8-7
https://www.berria.eus/albisteak/231552/william-friedkin-hil-da-the-exorcist-eta-the-french-connection-filmen-zuzendaria.htm
Kultura
William Friedkin hil da, 'The Exorcist' eta 'The French Connection' filmen zuzendaria
Ibilbide oparoa izan zuen zineman eta telebistan. Beldurrezko filmak eta thrillerrak girotzeko modu bereziak egin zuen ezagun, 1970eko hamarkadan.
William Friedkin hil da, 'The Exorcist' eta 'The French Connection' filmen zuzendaria. Ibilbide oparoa izan zuen zineman eta telebistan. Beldurrezko filmak eta thrillerrak girotzeko modu bereziak egin zuen ezagun, 1970eko hamarkadan.
1970eko hamarkadan Hollywoodeko estudioen sistemara iritsi, eta film pertsonal bezain arrakastatsuak egitea lortu zuen belaunaldi hartako kidea zen William Friedkin (Chicago, AEB, 1935 - Los Angeles, AEB, 2023), Francis Ford Coppolarekin eta Peter Bogdanovichekin batera. Haren zuzentzeko modua nabarmendu zuten kritikariek The Boys in the Band ikusitakoan (1970), eta The French Connection-ek (1971) berretsi zuen zinemagilearen ahala. Filmik, zuzendaririk, gidoirik eta ediziorik onenaren Oscar sariak irabazi zituen, besteak beste. Handik bi urtera, The Exorcist lan ikonikoa zuzendu zuen. Gaur hil da Friedkin, 87 urte zituela. Zinemarako hogei bat film zuzendu zituen denera, baina telebistan ere ibilbide oparoa egin zuen. Han hasi zen lanean —The Alfred Hitchcock Hour sailaren atal bat zuzendu zuen 1965ean—, eta, Hollywooden zuzendari zebilenean ere, telebistarako lanak egin izan zituen tarteka. Esaterako, 12 Angry Men obraren egokitzapen bat: Jack Lemmon buru zuen telefilm bat, 1997an. Azken unera arte aritu zen lanean. Orain dela aste gutxi jakinarazi zuten haren film berria, The Caine Mutiny Court-Martial, Veneziako Zinemaldian estreinatuko dutela datorren irailean, Sail Ofizialean, lehiaketatik kanpo. Herman Wouken antzezlan baten moldaketa da —askotariko lanak moldatu zituen haren ibilbidean—. Friedkinek ez zion eutsi lehen filmen arrakastari gerora, nahiz eta thrillerren zaleek goraipatu izan dituzten haren pelikula batzuk, batez ere Sorcerer (1977), Cruising (1980) eta To Live and Die in L.A. (1985). Kritikariek zinemagilearen lan bisuala nabarmendu izan dute: bigarren mailakoak izan zitezkeen gaiak —generoko film arrunten abiapuntuak— beste maila batera eramateko ahala, nolabait ere. Beldurrezko istorioak eta thrillerrak egin izan zituen nagusiki. Azken urteetan, Jade (1995), Rules of Engagement (2000), The Hunted (2003), Bug (2006) eta Killer Joe (2011) filmak zuzendu zituen. Bug lan txikiagoa eta pertsonalagoa izan zen, eta aurreko akziozko filmek baino harrera hobea izan zuen; Cannesko Zinemagileen Hamabostaldian estreinatu zuten. Killer Joe, berriz, Urrezko Lehoia eskuratzeko lehian izan zen Venezian. «Beti miretsi izan dudan profesional zahar bat da, eta film on eta interesgarri ugari egin izan ditu. Zera esan liteke hari buruz —Paul Schraderri, Walter Hilli, Tim Burtoni eta Kathryn Bigelowri buruz bezalaxe—, benetan eta gogoz: ideia on bat dauka plano bakoitzerako», idatzi zuen Adrian Martin kritikari australiarrak 1995ean Friedkinez, Jade filmari egindako kritikan. Friedkinek pasioz lan egin izan zuen beti, eta hori sumatzen da zinemagileek eta zaleek gaur idatzitako agur mezuetan. «Ez dut egin nire Citizen Kane», idatzi zuen haren autobiografian, 2013an. «Baina lana daukat egiteko. Ez dakit zenbat, baina izugarri gustatzen zait».
2023-8-8
https://www.berria.eus/albisteak/231573/30-urteko-mendizale-bat-hil-da-montferraten.htm
Gizartea
30 urteko mendizale bat hil da Montferraten
Doneztebeko emakume bat da hildakoa, eta 400 metroko gain batetik jausi da
30 urteko mendizale bat hil da Montferraten. Doneztebeko emakume bat da hildakoa, eta 400 metroko gain batetik jausi da
Doneztebeko (Nafarroa) 30 urteko emakume bat hil zen atzo Montferraten, Huescan (Espainia). 400 metroko gain batetik jausi zen. Abisua eman ostean, mendiko erreskateetan aditua den talde bat gerturatu zen ezbeharra izan zen gunera, baina ezin izan zuten ezer egin. Boltañara eraman zuten gorpua, eta handik Huescako ospitalera. Udara honetan mendian hil den laugarren euskal herritarra da. Uztailaren 22an beste ezbehar bat izan zen Europako mendietan, Espainian. Zeanuriko 54 urteko mendizale bat hil zen. Valdeon haranean izan zen, Sedo de la Padierna izeneko bidean. Leku malkartsua da, eta, larrialdi zerbitzuek jakinarazi zutenez, mendizalea erori egin zen. Larrialdi zerbitzuak jakinaren gainean jarri zituztenean, mendizalea konorterik gabe zegoen. Helikopteroz joan ziren haren bila, tokiko orografiagatik ezinezkoa baitzen harengana heltzea. Helikopteroak garabi batean atera zuen handik mendizalea, baina hilik zegoen ordurako. Uztailaren 20an, beste gizonezko bat galdu zen Panticosan, Pirinioetan, beste bi lagunekin mendian zela. Mendizalearen lagunek abisua eman zuten, eta mendiko erreskate taldeak joan ziren bila. 21ean topatu zuten gorpua, Pico de Fazeraseko sakan batean. Beste gizonezko bat ere hil zen uztailaren 9an. 58 urteko tafallar (Nafarroa) bat, Huescako Pirinioetan. Anso herriko Gameta tontorretik jaisten ari zela jazo zen ezbeharra. Guardia Zibilaren helikopteroa, Jakako mendiko erreskate taldea eta osasun langile bat bertaratu ziren; hara iristean, gizona hila zela baieztatu besterik ezin izan zuten egin.
2023-8-8
https://www.berria.eus/albisteak/231574/galdera-bota-du-unibertsoak.htm
Bizigiro
Galdera bota du unibertsoak: «?»
Herbig-Haro 46 eta 47 izeneko bi nebulosaren argazkia atera du James Webb teleskopioak. Arreta, ordea, beste gauza batek eskuratu du: galdera marka baten forma duen argizagi batek.
Galdera bota du unibertsoak: «?». Herbig-Haro 46 eta 47 izeneko bi nebulosaren argazkia atera du James Webb teleskopioak. Arreta, ordea, beste gauza batek eskuratu du: galdera marka baten forma duen argizagi batek.
Zoria, mentura, xantza... Badira nahita egiten direnak, eta badira baita nahi gabe egiten direnak ere. Galdera: zein aukera dago espazioan urtebete daraman teleskopio batek galdera marka baten forma duen objektu baten argazki bat ateratzeko? «Hutsaren hurrengoa», esango luke edonork, ziur asko. Unibertsoa, ordea, infinitua da, eta aukerak, hamaika. James Webb teleskopioa da ia ezinezkoa zinezko bihurtu duena. Lurretik 13,4 milioi argi urtera arteko argizagiak irudika ditzake, baina askozaz ere gertuagoko argazki batean topatu du itauna. Zer? Non? Eguzki sistematik 1.470 argi urtera dira Herbig-Haro 46 eta 47, Vela deituriko konstelazioan. Gazteak dira; milaka urte besterik ez dituzte. Herbig-Haro, bai: izarren sorrerarekin lotutako nebulosei deitzen zaie hala; gasez eta hauts kosmikoz osatuta daude. Hamarkadak daramatzate bi nebulosa horiek aztertzen, eta haien inoizko irudirik zehatzena atera du James Webb teleskopioak. Dena dela, begi niniak argazkiaren beste puntu batean dituzte zenbaitek: behealdean. Galdera marka baten formako gorputz bat ageri da, txiki-txiki. Urrun, auskalo zenbat argi urtera egongo den. Galdera marka, nolatan? STSI Espazio Teleskopioaren Zientzia Institutua arduratzen da teleskopioaz, eta, haren arabera, baliteke elkartzen ari diren bi galaxia izatea. Bien arteko grabitateak elkarri tiraka egoteak azalduko luke forma hori —ez dira estralurtarrak norbait inguruan ba al den galdezka—. Nebulosetara itzuliz... Horien erdian bi izar daude, oraindik ere sortze bidean direnak. Nebulosa nahiko dentsoa da; gasek eta hautsek bi astroak estaltzen dizkiote teleskopioaren mirari. Irudiko izpi gorrixka difraktatuen erdi-erdian dira, hala ere. Eta nola agertu dira nebulosak? Izarrek inguruan dituzten gasak eta hautsak biltzen dituzte; beren inguruan material horiez osatutako disko bat sortzen da, eta masa irabaziz doaz izarrak. Denbora gutxian material asko metatzen badute, turrustaka kanporatzen dute, kontrako bi noranzkoetan. Horien inguruko nebulosa gorria aspaldi jaurtitako soberakinak dira; urdina, berriz, berriagoak. Erlatiboki, bizitza laburra dute nebulosek. Behin izarrak guztiz osatu ostean, garbi-garbi geratuko da haien ingurua. Nebulosak, izarrak eta beste. 2021eko abenduaren 25ean espazioratu zuten teleskopioa, eta urtebete bakarrik pasatu da irudiak bidaltzen hasi zenetik. Beste 5-10 urterako erregaia du, unibertsoaren irudi dezente ateratzen jarraitzeko lain. Inoiz baino urrunago heldu da haren objektiboa, berez hemendik nahiko gertu bada ere. L2 izeneko puntuan dago, 1,5 kilometrora, Lurra orbitatzen. Laster izango du bertan adiskide bat: Euclid teleskopioa. Unibertsoaren egitura, eta materia eta energia ilunak aztertuko ditu sei urtez. L2? L, Joseph Louis Lagrange matematikariaren omenez. Galdera honen erantzuna topatu zuen: nola dezakete hiru gorputzek beren artean orbitatu, eta aldi berean batak besteekiko posizio erlatiboa mantendu? Kasu honetan, Webb, Lurra eta Eguzkia dira hiru gorputz horiek. Bost gune proposatu zituen Lagrangek, eta horietan bigarrena izendatu zuena da aproposena: Lurretik 1,5 milioi kilometrora, Lurretik Eguzkiranzko kontrako noranzkoan; hortxe du teleskopioak oreka puntua. Ikusi gehiago: Rho Ophiuchi hodei multzoa, 'James Webb'-en begitan
2023-8-8
https://www.berria.eus/albisteak/231575/sinatu-dute-nafarroako-gobernurako-akordio-ituna.htm
Politika
Sinatu dute Nafarroako Gobernurako akordio ituna
PSNko, Geroa Baiko eta Zurekin Nafarroako ordezkariek itxi dute bart adostutako akordioa. EH Bilduko militanteek gauerditik aurrera erabakiko dute Txibiteren inbestiduran abstentzioaren alde egingo duten.
Sinatu dute Nafarroako Gobernurako akordio ituna. PSNko, Geroa Baiko eta Zurekin Nafarroako ordezkariek itxi dute bart adostutako akordioa. EH Bilduko militanteek gauerditik aurrera erabakiko dute Txibiteren inbestiduran abstentzioaren alde egingo duten.
PSNko idazkari nagusi eta lehendakarigai Maria Txibite, Geroa Baiko Uxue Barkos eta Zurekin Nafarroako Begoña Alfaro eguerdian agertu dira prentsaren aurrera. Bart erdietsitako ituna sinatzeko elkartu dira Nafarroako Parlamentuan. Atzo iragarri zuten moduan, PSNk zortzi departamenturen ardura izango du, Geroa Baik laurena, eta Zurekin Nafarroak Etxebizitza Departamentua kudeatuko du. Bestetik, gaur jakinarazi dute talde bakoitzak lehendakariordetza bat izango duela eta Espainiako Senatuan Nafarroako ordezkaria Geroa Baikoa izanen dela. Txibiteren arabera, gizarte kohesioa eta garapen ekonomikoa uztartu nahi dituzte, eta, aurreratu duenez, aukeren berdintasuna bermatzerakoan, zerbitzu publikoen «sendotasuna» izango da Gobernuaren zutabeetako bat. Enplegu arloan, gizarte talde ahulenengan jarriko dute azpimarra. Gainera, «bizikidetza balioak ardatz» izango dituzte, eta «gobernu feminista izango da», berdintasun politikak garatzeko, indarkeria matxistari aurre egiteko edo LGTBI+ pertsonen eskubideak bermatzeko. Ikusi gehiago: Euskararen Legea berritzeko aukera hitzartu dute Beste hainbat lehentasun zerrendatu ditu, azkar. Tartean daude Osasun Legea, elkarbizitza plana, berrikuntza eta 4.0 industria. Gogorarazi du eurena bestelako gobernua izango dela eskuinaren eta eskuin muturraren aldean: «Herritarrek konfiantza izan dezakete Nafarroaren aurrerabidearen alde egingo duela. Eskubideetan, zerbitzu publikoan, berdintasunean aurrera egingo dugu, atzerapausorik gabe». Barkosek eta Alfarok hartu dute hitza ondoren. Geroa Baiko buruaren arabera, «ez dago zalantzarik» gobernuak nahikoa babes izango duela, eta txalotu egin du hirugarren legealdian jarraian «gobernu plural eta aurrerakoia» osatu dutela. Aitortu du bi hilabete «zail» izan direla eta hainbatetan egin dutela «talka», baina eskerrak eman dizkie hiru alderdietako lantaldeei. Zurekin Nafarroako bozeramaileak ere lankidetzan lortutako ituna goraipatu du: «Guretzat garrantzitsua zen akordio programatiko on bat lortzea, eta uste dut lortu dugula». Emaitzarekin pozik agertu arren, aitortu du «atzera egin behar izan» dutela hainbatetan, eta akordio «sakonago» bat lortu nahi zutela. Halere, hau gehitu du: «Zera dagokigu: egonkortasuna ematea gobernuari, hura osatzen den lehen unetik lanean jartzea, eta atsekaberik ez eragitea maiatzaren 28an indar aurrekoiei botoa eman ziguten herritar guztiei». Euskararen inguruan galdetuta, Barkosek zehaztu du 2015eko agintaldiko gobernuak, iragan legealdikoak eta oraingoak «beti» eman diotela babesa euskarari: «Bestela, Geroa Bai ez litzateke hemen egonen. Argi eta garbi esango dut gainera. Nafarroan inoiz ikusi gabeko hazkundea izan da: ez soilik aurrekontuetan, baizik eta euskararen babeserako politika publikoetan. Egia da bide luzea dela oraindik. Egia da bazkideen arteko jarrerak ere ez direla berberak puntu honetan». Txibitek ere izan du euskara mintzagai; «euskararekiko errespetua» aipatu du, baina «legea oinarri hartuta». Galdeketa EH Bilduko militanteei Izan ere, akordioa sinatu duten hiru taldeen artean, parlamentuko 50 eserlekuetatik 21 dituzte; beraz, beharrezkoa dute EH Bilduren baiezko botoa edo, gutxienez, abstentzioa, Txibite berriro ere lehendakari izendatzeko. Gauerditik aurrera izango du aukera EH Bilduren militantziak Txibiteren inbestiduran abstenitzearen alde dagoen erabakitzeko. 24 orduko epea izango dute, galdeketa modu telematikoan egingo da, eta emaitzak ostegunean jakinaraziko dituzte. Gobernu osaketa blokeo egoeran zegoenean, baiezko botoa ematea aztertu zuten. Orain, PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak bart akordioa lortu ostean, abstentzioaren alde egin nahi duten galdetuko diete militanteei. «EH Bildu prest azaldu da gobernu aurrerakoi bat ahalbidetzeko. Ikusiko dugu zer dioten bere militanteek», adierazi du gaur Txibitek. PSNko lehendakarigaiak azaldu du asmoa dutela koalizio subiranistarekin batu eta akordioaren nondik norakoak azaltzeko. Barkosek ere azpimarratu du «garrantzitsua» dela EH Bildurekin adostasunetara iristea eta «ez beste aldearekin», eskuineko alderdien aukerari atea itxiz irmo. Koalizio subiranistak bederatzi eserleku ditu. Txibitek nahikoa du EH Bildu abstenitzea berriro ere Nafarroako lehendakari izateko. UPNk, PPk eta Voxek hogei diputatu baitituzte hiruren artean. EH Bilduk alde bozkatu ordez abstentzioaren alde eginez gero, Txibiteren inbestidura egun bat luzatuko litzateke. Bi egun iraungo luke, lehen itzulian gehiengo osoa eskatzen baitzaio, eta, lortuko ez balitz, biharamunean gehiengo soila lortu behar luke. Inbestidura noiz izango den argitzeke dago oraindik. Unai Hualde parlamentuko presidentea bihar elkartuko da talde guztietako bozeramaileekin baieztatzeko lehendakarigairen batek nahikoa babes duela. Ondoren, behin eledunekin bilduta, gutxienez hiru egun igaro behar dira osoko bilkura egin aurretik. Beraz, asteburura arte behintzat, inbestidura ez da gauzatuko. «Apurtuta jaio den gobernua», UPNrentzat UPNko idazkari nagusi Javier Esparzaren ustez, «Txibitek EH Bilduren esku utzi du berriz ere Nafarroa». Gainera, gobernu berria «apurtuta jaio» dela adierazi du. EH Bilduk aurreko legegintzaldian baino «botere eta eragiteko gaitasun handiagoa» izango duela gaitzetsi du eta, bere ustez, Txibitek lehendakari izaten jarraitzeko «interes gehien duena EH BIldu da». Esparazaren arabera, PSNk eta EH Bilduk gobernuaren osaera horrela izatea adostu dute asmoa Geroa Bairi indarra kentzeko helburuarekin: «EH Bildu Txibiteren erreskatatzeko prest agertu zen, Geroa Bai behartuz PSNren azken proposamena onartzera». Horrela, Esparzaren arabera, EH Bilduk PSNren «bazkide nagusia» izaten jarraituko duela, «inolako higadurarik gabe». Bestetik, azken hilabeteetako negoziazio prozesua «espektakulu lotsagarri» gisa definitu du. Esan du «besaulkiak salerosteaz eta boterea partitzeaz» arduratu direla, eta honako hau galdegin du: «Akordio honek benetan herritarren nahiari erantzuten dio edo alderdi zein pertsona jakin batzuen interes ekonomikoei?». Bere alderdiak PSNri «eskua luzatu ziola» ere jakinarazi du. Horrela, «Nafarroa EH Bilduren eskuetan» geratzea ekidin nahi izan zutela esan du.
2023-8-8
https://www.berria.eus/albisteak/231576/jonan-ordorika-soinu-teknikaria-hil-da.htm
Kultura
Jonan Ordorika soinu teknikaria hil da
30 urtetik gora egin zituen soinu teknikari lanetan, eta hainbat musikarirekin egin zuen lan ibilbide horretan. 55 urte zituen.
Jonan Ordorika soinu teknikaria hil da. 30 urtetik gora egin zituen soinu teknikari lanetan, eta hainbat musikarirekin egin zuen lan ibilbide horretan. 55 urte zituen.
Interneteko bilatzailean «Jonan Ordorika» jarrita, apenas ageri den haren argazkirik. «Jonan Ordorika soinu teknikaria». Ezer gutxi. Bada jarduna itzalpean dagoelako seinale, nahiz eta ezinbesteko diren fokupekoari oihartzun egiteko. Ez dira gutxi Jonan Ordorikak soinu teknikari lanetan egindako urteak; 30 urte baino gehiagoz aritu baita hainbat artistaren lanak grabatu eta masterizatzen. Atzo hil zen, 55 urte zituela. Asko izan dira gaur sare sozialetan zabaldu ziren mezuak. Joserra Senperena musikariarena izan da, kasu baterako, horietako bat. Hala zioen: «Ez adiorik, Jonan Ordorika». Senperenak ez zuen «gertuko harremanik» Ordorikarekin; lan batzuetan elkarrekin aritutakoak dira, baina. Musikariak oroitu du Imanolen Ausencia (2000) diskoa grabatu zutela elkarrekin, Ordorikak Azkarateko Argiñenea baserrian (Nafarroa) zuen estudioan. «Orduan ezagutu nuen nik», azaldu du Senperenak. Elkarrekin grabatu zuten Jabier Muguruzaren Aise diskoa ere. «Geroztik ez dut harreman handirik izan harekin, baina nik ekoiztutako zenbait lanetan parte hartu du». Are, musikariak kontatu duenez, bazuten elkarrekin abian jarria zuten proiektu bat eskuartean. Ordorika zen masterizatzekoa Senperenaren «album berezi» bat. «Nik beti goraipatzen dut askotan itzalpean gelditzen den soinu teknikarien lana, eta esan dezaket zoragarria zela harekin lan egitea. Oso pertsona ona zen, beti lan egiteko prest zegoena». Bat dator harekin Joseba Irazoki musikaria. Soinu teknikariarekin «harreman hagitz ona» zuela kontatu du. Izan ere, bere hainbat lanetan izan du lagun. Ordorikak egin ditu Irazokiren disko askoren masterizazio eta soinu teknikari lanak. «Ez da lan erraza disko bat grabatzea, zaila izaten da estudioko lana, baina Jonanek primerako giroa sortzen zuen beti, une hura dibertigarri egiteraino. Hainbeste tentsio eragin ditzakeen momentu bati lasaitasun puntu bat ematen zion, eta hori ez du edozein soinu teknikarik lortzen». Gaur izan du Ordorikaren heriotzaren berri, eta saminez jaso du albistea. «Sorpresaz harrapatu nau. Banekien bihotzeko bat izan zuela orain gutxi, baina ez nuen halakorik espero. Kolpe handia izan da». Aspaldi da Joseba Tapia musikariak Ordorika ezagutu zuela, eta grabaketa ugaritan izan du geroztik lagun. Tapiak berak kontatu duenez, diskoen grabaketetan ez ezik, musikariaren zuzeneko kontzertu askotan ere izan da Ordorika soinu teknikari lanetan. Goizaldean jaso zuen soinu teknikariaren heriotzaren berria, eta «hitzik gabe» utzi zuela dio. «Sinetsi ezinik nago. Gogorra da, oso gogorra», azaldu du. Lagun handitzat zuen Tapiak; izan ere, musika kontuengatik, elkarrekin bidaia asko egindakoak dira. «Oso lagun ona zen. Anaia bat zen niretzat». «Musikazale amorratua» Artista askoren lanek dute Ordorikaren zigilua. 1991n, Katarain estudioa ireki zuen Angel Katarainekin eta 2015ean hil zen Amaia Apaolazarekin batera, eta hainbat musikari pasatu ziren bertatik. 2015ean amaitu zuten estudio harekin, baina Ordorikak, Mamia Mastering zigilupean, masterizazio lanetan jarraitu zuen bere kasa. «Musikazale amorratua zen», hala definitu du Irazokik. Bazuen musikari maite bat, esaterako, aurrez aurre ezagutzeko aukera ere izan zuena: Lou Reed. Hain justu, bere estudioan izan zen musikari estatubatuarra, eta han pasatu zituen egun batzuk, Ordorikaren familiarekin batera. Zazpi urtera hil zen Lou Reed, 2013an. Handik urtebetera, haren omenezko lan baten sustatzaileetako bat izan zen soinu teknikaria. Azkarateko estudioan grabatu, eta, denbora gutxian, CD, binilo eta streaming bidez argitaratu zuten Mila esker izeneko lana. Han parte hartu zuten, besteak beste, haren anaia Ruper Ordorika, Delirium Tremenseko Andoni Basterretxea, Txuma Murugarren, Petti, Maddi Oihenart, Gorka Urbizu, Gari, Anari, Iñigo Muguruza eta Rafa Rueda musikariek.
2023-8-8
https://www.berria.eus/albisteak/231577/pepsicoko-langileek-greba-baztertu-dute-enpresarekin-akordio-batera-heldu-ostean.htm
Ekonomia
Pepsicoko langileek greba baztertu dute, enpresarekin akordio batera heldu ostean
Gaurko eta etzirako zuten grebara deitua Arabako enpresan, baina langileek eta sindikatuek bertan behera utzi dute, enpresak proposatutako baldintzak onartu ondoren
Pepsicoko langileek greba baztertu dute, enpresarekin akordio batera heldu ostean. Gaurko eta etzirako zuten grebara deitua Arabako enpresan, baina langileek eta sindikatuek bertan behera utzi dute, enpresak proposatutako baldintzak onartu ondoren
Greba bukatu da Pepsicoren Etxabarri Ibiñako (Zigoitia, Araba) botilaratzeko lantegian. Gaur eta ostegunean ziren greba egitekoak, baina, atzo, LAB, CCOO, USO, ELA, UGT eta beste sindikatu independenteek osaturiko greba batzordeak akordio batera heldu ziren enpresarekin, lan baldintzak hobetzeko. Guztira, plantan 200 langile inguru daude, eta haiek ere onartu egin dute akordioa. Ondorioz, baldintza hauek lortu dituzte, besteak beste: KPIra egokitutako soldata igoerak, urtean zortzi orduko lanaldi murrizketa, eta berdintasun plana eta lan hitzarmena hobetzeko negoziazioak hasteko ituna. Langileek izoztuak zituzten soldatak 2021. urtetik, eta hiru greba egun egin zituzten joan den astean erosteko ahalmenaren galera salatzeko.
2023-8-8
https://www.berria.eus/albisteak/231578/suesan-sestaoko-ama-semeak-autoarekin-harrapatu-zituen-gidariarentzat-behin-behineko-kartzela-agindu-dute.htm
Gizartea
Suesan Sestaoko ama-semeak autoarekin harrapatu zituen gidariarentzat behin-behineko kartzela agindu dute
Sestaoko 42 urteko emakumeaz eta haren 19 urteko semeaz gain, Errioxako 68 urteko emakumezko bat ere hil zen istripuan. Alkohola eta medikamentuak kontsumituak zituen gidariak.
Suesan Sestaoko ama-semeak autoarekin harrapatu zituen gidariarentzat behin-behineko kartzela agindu dute. Sestaoko 42 urteko emakumeaz eta haren 19 urteko semeaz gain, Errioxako 68 urteko emakumezko bat ere hil zen istripuan. Alkohola eta medikamentuak kontsumituak zituen gidariak.
Bermerik gabeko behin-behineko kartzela agindu du Kantabriako Audientzia Probintzialak Aste Santuan Suesan (Kantabria) autoarekin hiru pertsona harrapatu zituen gidariarentzat. Hirurak hor bertan hil ziren istripuaren ondorioz: Sestaoko (Bizkaia) ama-semeak, 42 eta 19 urtekoak, eta Santo Domingo de la Calzadako (Errioxa) emakume bat, 68 urtekoa. Efe berri agentziak azaldu duenez, «akohola eta medikamentuak» hartuak zituen gidariak. Autoaren kontrola galdu, eta errepidetik atera zen ibilgailua, eta bi emakume eta mutil bat harrapatu zituen; bidearen ondoan dagoen oinezkoentzako bidean zebiltzan, familiarteko batzuekin paseoan. Ondoren, beste automobil bat ere jo zuen. Audientzia Probintzialak behin-behineko kartzelaldia agindu du, gidariak «oinezkoen eta ibilgailuen trafikoaren segurtasuna» arriskuan jartzen duela iritzita. Izan ere, azaldu du frogatuta dagoela alkohola kontsumitu zuela, eta «oso azkar» gidatzen ari zela. Horrez gain, zehaztu du Prozedura Kriminalen Legeak pertsona bat kartzelaratzeko eskatzen dituen baldintza guztiak betetzen direla: gertakariek bi urteko edo gehiagoko zigorra ekar dezaketela aurreikustea, ikertutako pertsonaren erantzukizuna erakutsi dezaketen zantzuak egotea, edo antzerako ekintzak berriz egin ditzan saihestea.
2023-8-8
https://www.berria.eus/albisteak/231579/bost-polizia-atxilotu-dituzte-frantzian-gizon-baten-heriotzarekin-zerikusia-dutelakoan.htm
Mundua
Bost polizia atxilotu dituzte Frantzian, gizon baten heriotzarekin zerikusia dutelakoan
Mohammed Bendriss konorterik gabe aurkitu zuten Marseillan uztailaren 1ean. Autopsiak baieztatu duenez, «kolpe gogor bat» hartu zuen bularraldean.
Bost polizia atxilotu dituzte Frantzian, gizon baten heriotzarekin zerikusia dutelakoan. Mohammed Bendriss konorterik gabe aurkitu zuten Marseillan uztailaren 1ean. Autopsiak baieztatu duenez, «kolpe gogor bat» hartu zuen bularraldean.
Frantziako Poliziako indar berezietako bost kide atxilotu dituzte gaur, 27 urteko Mohammed Bendrisen heriotzarekin zerikusia dutelakoan. Uztailaren 1ean, Marseillan, Bendris ondoezik sentitu zen, eta konortea galdu zuen motorrean zihoala. Gaztea lurrean aurkitu zuten lekukoek, eta hilik zen erietxera iritsi zenerako. Gerora, autopsiak baieztatu zuen «kolpe gogor bat» hartua zuela bularraldean, eta horrek eragin ziola ondoeza, eta bihotzekoa. Auzitegi medikuen arabera, gomazko pilota batek eragindakoa izan zitekeen kolpea. Egun hartan protesta gogorrak izan ziren hirian, ekain bukaeran Poliziak tiroz hildako 17 urteko gazte baten harira. Bendrisen familiak, baina, ukatu egin zuen gaztea manifestarien artean zela, eta ikerketa zabalagoa eskatu zuen. Horri esker jakin zen konortea galdu aurretik 27 urteko gazteak polizia talde bat grabatu zuela, ustez lapurretan ari zen pertsona bat indarrez menderatzen. Gau hartan Marseillan zen Frantziako Poliziako indar berezietako unitate bat. Fiskaltzak hainbat polizia deituak zituen gaur deklaratzera: haietako zenbait, lekuko modura. Deklarazioak jaso ostean, atxilo hartu dituzte polizietako bost. Beste bi ere atxilo daude gau hartan bertan 22 urteko beste gazte batek jasandako jipoiarengatik. Gau hartako irudietan ikusten denez, gaztea ez zen liskarretan parte hartzen ari Poliziak eraso zionean. Ekain amaieran piztu ziren protestak Frantzia osoan. Jatorri arabiarreko 17 urteko gazte bati tiro egin zion polizia batek, kontrol batetik ihes egiten ahalegindu zenean, Parisko aldirietako Nanterre hirian. Lekukoek gertaera grabatu zuten bideoz: irudiak azkar hedatu ziren sare sozialetan, eta haserre oldea eragin. 2005eko urrian, antzeko gertaera batek ere istilu handiak eragin zituen Frantzia osoan. Bi gazte, 17 eta 15 urtekoak —Zyed Benna eta Bouna Traore, hurrenez hurren— elektrokutatuta hil ziren, Poliziarengandik ihes egiten ari zirela, Parisko aldirietako Clichy-sous-Bois hirian. Heriotzen berri izan eta gutxira piztu ziren liskarrak; ia 3.000 lagun atxilotu zituzten, eta gutxienez hiru lagun hil ziren.
2023-8-8
https://www.berria.eus/albisteak/231580/sinadura-bilketa-bat-zabaldu-dute-hendaia-eta-irunen-arteko-zubiaren-irekiera-galdegiteko.htm
Gizartea
Sinadura bilketa bat zabaldu dute Hendaia eta Irunen arteko zubiaren irekiera galdegiteko
Hendaiako herritar talde batek Avenida zubiaren irekitzea galdegiteko sinadura bilketa zabala hedatu du. Zubiaren hestea erabaki administratibo «zentzugabea» dela adierazi dute, muga pasatzeko beste zubi guztiak irekiak direla eta. Eskaerak eragina ukanen duela espero dute. Urrira arte zabaldu dute sinatzeko epea.
Sinadura bilketa bat zabaldu dute Hendaia eta Irunen arteko zubiaren irekiera galdegiteko. Hendaiako herritar talde batek Avenida zubiaren irekitzea galdegiteko sinadura bilketa zabala hedatu du. Zubiaren hestea erabaki administratibo «zentzugabea» dela adierazi dute, muga pasatzeko beste zubi guztiak irekiak direla eta. Eskaerak eragina ukanen duela espero dute. Urrira arte zabaldu dute sinatzeko epea.
Hendaia (Lapurdi) eta Irun (Gipuzkoa) arteko Avenida zubiaren zabaltzea galdegin dute 30 hendaiarrek Pirinio Atlantikoko Prefetari zuzenduriko adierazpen batean. Agorriletik urrira zabalduko da sinadura bilketa. Zubiaren «behin betiko» irekitzea aldarrikatu dute antolatzaileek. 2021az geroztik, hetsia da Avenida zubia, Frantzia eta Espainiaren arteko erabaki administratiboengatik. Uztailaren 3an, Pirinio Atlantikoko prefetak adierazi zuen, ondoko herrietako auzapezen kexari erantzunez, «Parisen eta Madrilen arteko negoziazioak eginez gero irekiko zela Avenida zubia». Alabaina, salbuespenak salbuespen, uztailaren 3an berean berriz ireki zuten zubia, Frantziako Tourraren karietara. Hortik oren batzuetara, aldiz, berriz hetsi zuten. Sinadura bilketaren antolatzaileen kexa piztu zuen, eta «erabaki administratibo zentzugabea» dela salatu zuten. Oinezkoen zubiaren «behin betiko» irekitzea aldarrikatzeaz gain, herritar taldeak adierazi du «elkar lotzeko, ibiltzeko eta joan-etorri eztiak garatzeko» balio duela zubiak. Mirari Manterola sinatzaileak azpimarratu du erosketak egiten zituela Irunen, eta orain Santiago zubitik «itzuli osoa» egin behar duela. Haren ustez ere, erabaki «ezin ulertua» da, beste zubi guztiak irekiak dira eta. Haien aldarrikapenarekin bat egiten duten Hendaiako, Irungo, Hondarribiko eta inguruko herritarren «parte hartze zabala» eskatu dute, sinadura bilketak ahal bezain eragin handia ukan dezan. Herritar taldeak eskatu du eskaera «ahalik eta gehien hedatzea», fotokopia bidez edota online QR kodea zabalduz. Haien eskaera «urrats herrikoi, humanista, baketsu, apolitiko eta akonfesionala» dela adierazi dute. Urri hastapenera arte ireki dute eskaera sinatzeko epea. Manterolaren erranetan, «jada 200 pertsonak sinatu dute». Izan ere, sinadura bilketak «zabaltze zein eragin handia izanen duela» espero du Manterolak. Behin epea hetsirik, sinadurak Hendaiako auzapezari helaraziko dizkiote, prefeturan aurkez ditzan.
2023-8-8
https://www.berria.eus/albisteak/231581/melonik-gerra-deklaratu-die-bankuei-eta-pobreei.htm
Ekonomia
Melonik gerra deklaratu die bankuei eta pobreei
Italiako Gobernuak %40ko zerga jarriko die bankuen irabaziei, eta oinarrizko errenta kenduko du. Neurriokin 10.000 milioi euro biltzea espero du.
Melonik gerra deklaratu die bankuei eta pobreei. Italiako Gobernuak %40ko zerga jarriko die bankuen irabaziei, eta oinarrizko errenta kenduko du. Neurriokin 10.000 milioi euro biltzea espero du.
Italiako eskuin muturreko gobernuak kutsu populistako bi neurri polemiko hartu ditu egunotan. Alde batetik, iragarri du %40ko zerga jarriko diela bankuen ezohiko irabaziei, eta, bestetik, baliabide gutxien duten herritarrek jasotzen duten oinarrizko errenta kentzen hasi da. Neurriokin, martxan jarri duen erreforma fiskalak eragingo dion zuloa estali nahi du gobernuak. Italia pilatzen ari den defizitak ezbaian jarri du Europako funtsen tramitazioa, eta Bruselari aurkeztutako plana aldatu behar izan du. Astearte honetako Ministroen Kontseiluan iragarri du bankuei irabazien gaineko zerga ezarriko diela, eta bildutako dirua erabiliko duela «interes tasen igoera dela-eta kaltetutako hipotekadunak eta enpresak laguntzeko, eta herritarren karga fiskala murrizteko». Zerga berezia 2022. eta 2023. urteetara mugatuko du, eta interes marjinek ehuneko jakin batzuk gainditzen dituztenean aplikatuko da: 2022an gutxienez %3tik gorakoa bada 2021arekin alderatuz gero, eta 2023an gutxienez %6tik gorakoa bada 2022koarekin konparatuta. Ordaindu beharreko zenbatekoak ezin izango du bankuaren ondare garbiaren %25 gainditu. Gobernuak 2.000-3.000 milioi euro biltzea aurreikusten du. Europako beste gobernu batzuk ere zergapetu dituzte bankuen irabaziak, behin-behinean; Espainiak, adibidez, 800 milioi eurotik gorako diru sarrerak dituztenei interes eta komisioengatik lortutako irabaziei %4,8 zergapetzen ditu. Neurria oporren aurreko azken kontseiluan hartu du gobernuak, sorpresaz. Dena den, Giorgia Meloni lehen ministroak ohartarazia zuen halako erabaki bat har zezakeela, bankuek maileguak emateko interesak handitu dituztelako baina herritarren gordailuen interesak ez dituztelako igo. «Hilabeteetan behin eta berriz esan dugu interes tasak igotzeko EBZ Europako Banku Zentralaren estrategia okerra dela; erabaki hau saihetsezina izan da», adierazi du Antonio Tajani Atzerri ministroak. «Berdintasun sozialeko zerga bat da», gaineratu du Matteo Salvini presidenteordeak. Estatuaren «metadona» Melonik bere hauteskunde programan egindako beste promesetako bat bete ondoren iritsi da neurria. Egunotan, gobernua SMS bidez abisatzen ari zaie milaka familiari oinarrizko errenta jasotzeari utziko diotela. EAEko diru sarrerak bermatzeko errentaren edo Nafarroako errenta bermatuaren baliokidea da prestazio hori. Italiako Gizarte Segurantzaren (INPS) arabera, ekainean 2,1 milioi pertsonak jaso zuten errenta hori —biztanleriaren %4,7—, milioi bat etxetan. Horietatik bi heren baino gehiago —1,5 milioi— hegoaldean bizi dira. Laguntza hilean 560 euro ingurukoa da batez beste familia bakoitzeko, eta iaz gobernuak 8.000 milioi euro bideratu zituen. 2019an jarri zuen martxan Giuseppe Conte 5 Izarren Mugimenduko gobernuak, eta, oposizioan zegoela, Melonik «estatuaren metadona» gisa izendatu zuen, ez duelako enplegua bilatzeko beharra bultzatzen. Herritar txiroenak laguntzeko helburua du. Errenta jasotzeko, honako baldintza hauek bete behar dira: Europako herritar izatea eta Italian gutxienez hamar urtez bizi izana —azkenengo biak jarraian—, 30.000 eurotik beherako higiezin ondarea izatea, 6.000 eurotik beherako finantza ondarea izatea, eta diru sarrerak urtean 9.360 eurotik gorakoak ez izatea. Gaur egun laguntza jasotzen dutenek urtearen amaierara arte luzatu ahal izango dute, baldin eta udaletako gizarte zerbitzuek beren gain hartzen badute. Gobernuak uste badu lan egiteko moduan daudela eta 6.000 eurotik beherako diru sarrerak badituzte, 350 euro emango dizkie urtebetez, lan prestakuntzako ikastaroetarako. Meloniren asmoa da oraingo laguntza beste batekin ordezkatzea hurrengo urtean, eta honako baldintza hauekin: urtean 9.300 eurotik beherako diru sarrerak eta 6.000 eurotik beherako ondarea izatea, eta gutxienez adingabe batekin, desgaitasuna duen pertsona batekin edo 60 urtetik gorako batekin bizitzea. Herritar askok eta oposizioak kritika eta protestekin hartu dute gobernuaren erabakia. «Pobreziaren aurkako gerra egin beharrean, gobernu honek pobreen aurkako gerra egiten du», adierazi du Elly Schlein Alderdi Demokratikoko idazkari eta oposizioko buruak. Egunotan, herritarrak ere kalera atera dira protesta egitera, batez ere herrialdearen hegoaldean.
2023-8-15
https://www.berria.eus/albisteak/231582/ezabatutako-katebegia.htm
Kultura
Ezabatutako katebegia
«Ordua da norbaitzuk gutaz oroitzekoa», idatzi zuen Tene Mujikak 1971n, eta, oraindik ere, lanbropean segitzen du gerraurreko emakume idazleen 'gu' horrek. Modu kolektiboan euskaraz idazten jardun zuten lehen andreak izan ziren, baina ez dira ia ageri euskal letren historian, eta ez zirela izan pentsatzeko aukera zabalik utzi du horrek. Nolatan, ordea?
Ezabatutako katebegia. «Ordua da norbaitzuk gutaz oroitzekoa», idatzi zuen Tene Mujikak 1971n, eta, oraindik ere, lanbropean segitzen du gerraurreko emakume idazleen 'gu' horrek. Modu kolektiboan euskaraz idazten jardun zuten lehen andreak izan ziren, baina ez dira ia ageri euskal letren historian, eta ez zirela izan pentsatzeko aukera zabalik utzi du horrek. Nolatan, ordea?
Maria Dolores Agirre, Elisa Alzola Ane, Maddi Ariztia, Frantziska Astibia Onintze, Julene Azpeitia Arritokieta, Maria Begoña Beristain Lorea, Errose Bustintza Mañariko, Katalina Eleizegi, Karmele Errazti, Miren Etxabe Lau Uxo, Jule Gabilondo Maite, Maddalen Jauregiberri, Maria Juaristi Mirentxu, Tene Mujika, Margarita Untzalu, Sorne Unzueta Utarsus... Nahi adina luza daiteke katea izenak bata besteari lotzen hasita. Nor bere ertzetik, bere garaiaren argi-itzaletatik aritu zen, eta asko eta asko ez ziren izen-abizen propioz inoiz irten plazara, ezizenaren atzean beren arrastoa lausotzen lehenak eurak izan balira bezala. Zenbat eta gehiago arakatu, ordea, orduan eta argiago bistaratzen da argazkia: modu kolektibo batean euskal letren historian bidea urratu zuten aurreneko emakumeak izan ziren, euren buruak inoiz idazletzat hartu ez bazituzten ere, oro har. Azken urteetan, ugaritu egin dira haien ekarpenari buruzko ikerlanak, baina letra beltzagoz irauten du gerra ondorenean ezarritako euskal literaturaren narratibak, apenas lerrorik gorde ez dienak. «Zergatik egon diren 70 urtean ahaztuta emakume hauek? Aldapa gora abiatu bakarrik eginak zirelako». Lourdes Otaegi mintzo da, EHUko irakaslea eta gerraurreko literaturaren ikertzailea. «Oraingoa garai oparoa iruditzen zaigu, baina guztiz iragankorra izan daiteke. Horregatik da hain inportantea haietaz hitz egitea, eta esatea: ez ziren bi txoro; ehunka izan ziren, idazleak hainbat, eta ibilbide bat egin zuten». Amandriaren altzoan liburua. BERRIA Kasurik gehienetan, 36ko gerrak etendako ibilbideak izan ziren. Haren aurreko hiru hamarkadetan, baina, Pizkundearen eta garai hartako aldaketa giro orokorraren abaroan, plaza publikora jauzi egiteko bide bat zabaldu zen andreontzat, eta orduko abertzaletasunaren bultzadaz heldu zioten lumari askok. Literatura ulertzeko era bat Koldo Izagirre idazlearen esanetan, adibide batek esplikatzen du nola egin den gerraurreko emakume idazleak bazter utzi dituen literaturaren historia. «Gure lehen bertso ezaguna XV. mendekoa da, Milia Lasturkoaren eresia. Hor egon da, urteak joan urteak etorri, eta Itxaro Bordak orain dela urte batzuk poema bat egin zion, zoragarria, Milia Lastur Revisited [1986]. Horrek esplikatzen du dena: hortxe zegoen hari interesgarri bat, baina ez diogu kasurik egin. Beste emakume batek etorri behar izan du, hainbat mende pasatu eta gero, hori gai poetikotzat hartzeko». Emakume idazleen berreskurapena akademian ere garai bertsuan kokatu du Otaegik, hain justu. Lan bat aipatu du, zehazki, abiarazletzat: Mercedes Ugalderen Mujeres y nacionalismo vasco. Génesis y desarrollo de Emakume Abertzale Batza (1906-1936). «XX. mendearen bukaera arte, ez da kasik inon jasotzen emakume hauen inguruko informaziorik. Ugaldek abiatu zuen bide hori, eta berak abiatutako materialetik egin dira hortik aurrerako ikerketak». Ordurako, baina, ofizialdua zegoen beste historia bat. Lehen harria Orixek jarri zion historia horri, 1927an, emakume idazlerik aipatu gabe. Eta 1960an ezarri zuen harririk sendoena Koldo Mitxelenak, Historia de la literatura vasca erreferentziazko lanarekin. Bi emakume aipatu zituen: Bizenta Mogel eta Katalina Eleizegi. Iratxe Retolaza literatur ikerlariaren esanetan, ordea, kopuru horiek gorabehera, literatura ulertzeko modu jakin bat finkatu zen orduan. «Idazlea bihurtzen da historiografia ardazteko aldagai nagusia, eta eredu bihurtzen da mugimendu literario baten ordezkari izatea, genero literariorik gorenean idaztea, liburu formatuan argitaratzea eta euskara batutik ekarpen bat egitea». Eredu horrek, baina, gerra aurreko emakumeen praktikarekin zuzenean egingo du talka, eta, hein batean, horrek azaltzen du historiografiatik kanpo geratu izana, Retolazarentzat. Liburuetan ez, gehienek garaiko aldizkarietan argitaratu zutelako —Euzkadi, Argia, Euzko Gogoa, Euskal Esnalea, El Día...—; oro har, ez zutelako idazle kontzientziarik izan, abertzaletasun jeltzalearen imajinarioa zabaltzeko ekarpena egiten ari zirenekoa baizik; eta genero goren batean trebatu beharrean, hainbat generotan aritu zirelako —artikuluak, antzerkia, olerkia eta ipuina, batik bat—. Esan den baino gehiago Gerraurreko emakume idazleek historiaren galbahea igaro ez izanaren arrazoietan propio arakatu zuen beste ikerlari bat Linda White Renoko unibertsitateko (AEB) irakaslea izan zen, 1996an. Emakumeen hitzak euskaraz: Basque Women Writers of Twentieth Century lanean xehatu zuen gaia, eta datu bat eman zuen: euskal literaturaren historia lan gehienetan —Mitxelenarenaz gain, Luis Villasante (1961), Ibon Sarasola (1971) eta L.M. Mujikarenak (1985) aztertu zituen—, sei emakume agertzen direla denera —Bizenta Mogeletik Arantxa Urretabizkaiara—. Gizonezko egileak aintzat hartzeko erabilitako irizpide berberak emakumeekin erabiliz, ordea —itzultzaileak eta obra bakarreko idazleak barne hartzea, esate batera—, 121 emakume zenbatu zituen Whitek: 43 gerraurrean eta 78 ostean. Hala, emakume idazleen ehunekoa %2tik %32ra jaso zuen; literaturgileena, %3tik %27ra. «Esan izan den baino dezentez gehiago izan ziren», nabarmendu zuen ondorioetan. Ohartarazi zuen, orobat, euskal literaturaren lehen historiek ahal beste izen biltzeko nahia izan zuten arren, ez zela jarrera «eskuzabal» bera erabili emakume idazleekin. «Interesgarria da hori», dio Otaegik. «Gizonek idatzia bada, berez da literatura; aldiz, emakumeak idatzia bada, lupa handiarekin begiratu izan da. Bataren eta bestearen hitzak ez du berdin balio, egunero pairatzen dugu hori emakumeok». Eta ados dago Whiterekin, baina ez denean: «Villasantek idazleen katalogo ahalik eta zabalena erakutsi nahi du, Unamuno eta besteren erasoen aurrean, euskaraz literatura tradizioa bazegoela demostratzeko. Baina Mitxelenaren irizpidea askoz literarioagoa da; corpus bateratu bat jarri nahi du erdigunean, hizkuntza literario estandar bat bultzatzeko». Salbuespen gisa, beste argitalpen bat oroitu du Otaegik: Santi Onaindiaren 1954ko Mila Euskal Olerki Eder. «Euskal poesiaren beste edozein antologiatan baino emakume gehiago dago hor. Historia liburuen ondoan, antologietan mamitu da bazterketa modurik agerikoenean». Emakume haiek idatzi zutenaren zati handi bat aldizkarietara, eskola mundura eta euskal balioen transmisiora bideratu zuten, eta hori haien lanari balioa kentzeko modu bat izan dela ere jaso zuen Whitek. Bat etorri da Retolaza, eta testuak «estetikaren eta literatur parametroen» prismatik aztertu beharrean haien «funtzionalitatearen» arabera baloratzea murriztailetzat jo du. «Haur literaturak beti du garrantzia, baina pentsa zenbatekoa guztia eraikitzeko zegoen une batean. Garaian sekulako garrantzia zuen jardun bati gutxiespenez begiratu zaio». Otaegi ere bat dator. Testuetako askok «helburu pragmatikoa» izateak ez ditu zuzenean literatura izatetik salbuesten, haren ustetan. «Ikuspegi sinplista bat eman izan da emakume hauen lanaz, guztia funtzionalismo huts baterako egin izan balute bezala. Beharra dagoelako sortzen dute eskola materiala, edo beharra dagoelako egiten dute prentsarako berriemaile lana; baina ez da hori bakarrik, baizik eta behin horretan sartuta, askok literatura produzitzen dutela». Izagirrek, bestalde, liburu faltan ikusten du andre hauek aintzat hartu ez izanaren arrazoi pisuzkoetako bat. «Euskal literaturako liburuen historia bat egin da, eta ez euskal literaturaren historia bat. Baina ahozko lirikak ekar dezakeena, adibidez, ez du poeta kultuak ekartzen. Zorionez, konplexuagoa da dena». Halaber, «gurasokeria» eta «gutxiespen giro orokor bat» hurbiletik ezagutu izana ere aitortu du: «Emakume Abertzale Batzakoei las emakumes deitzen zitzaien; molde hori ondo ezagutu dugu guk». Loreti liburuaren azala. BERRIA Itzalaren sakonera Literaturaren historia hala egin izanak ekarri ditu bere ondorioak. «Emakumeen inkorporazioa izugarri zaila egitea, konplexuz betetakoa izatea eta idatziko zuketen askok ez idatzi izana», Otaegiren ustetan. Argi du gauza bat: «Zure hitza ez dela aintzat hartzen sumatzen baduzu, bazterrera egiten duzu, eta horren eraginak maila sakonak hartzen ditu». Izagirrek oraintsura arteko garaietaraino luzatu den logika baten parte ikusten du, gainera, gizon-emakume idazleei eman zaien tratu asimetrikoa. Amaia eta Mikel Lasa anai-arreben kasua ipini du adibidetzat: Poema bilduma (Herri Gogoa) kaleratu zuten elkarrekin 1971n, eta «kritika guztiak anaiarentzat izan ziren», Izagirreren arabera. Mikelek ez zuen gehiago ezer publikatu; Amaiak bai, baina Whitek ere aipatzen du adibidea, erakusteko Mikelen izena ageri dela aztertutako historietan, eta ez, aldiz, Amaiarena. Azken urteetan, Ugaldek hasitako berreskuratze bidea hamaika lanek aberastu dute —Mari Jose Olaziregi, Amaia Alvarez Uria eta besterenak—, baina irakurketa berri horiek historiografian txertatzeko baldintzarik ez du antzematen egun Retolazak: «Ikerketa asko egin dira, baina egin dira, hain zuzen, literaturaren historiografia diziplina gisa oso ahul dagoen garai batean. Literatur historiagile oso gutxi ditugu aktiboan; Joseba Gabilondorena kenduta, 2004tik ez da euskal literaturaren beste narratiba bat sortu, eta horrek esan nahi du euskal literaturaren bestelako hezurdura batzuk eraikitzeko tarterik ez dugula hartu. Hori gabe, zaila da ikerketa berriak irakaskuntzako materialetan eta bestelako transmisio bideetan sartzea». Ekarpen berrien hedapena zailtzen duten beste bi faktore ere ikusten ditu: merkatuak «nobedadeen kultura» sustatzea eta «historiaren ikuspegi murritz» orokorra. Ondorioen artean, iruditzen zaio luzaroan airean egon den «marmar bat» transmititu izan dela oharkabean: Euskal Herrian oso berandura arte emakume idazlerik egon ez zela dioena. Idatziz ere topatu izan du halako baieztapenik, eta, bidean, historiografiek marmar hori elikatu dutelakoan dago. «Ez aipatzea baino larriagoa da hori, esaten ari baitzara literatura ez dela emakumeentzako esparru bat izan». Retolazaren ustetan, 1960ko hamarkadan ezarritako historiografiak autoritate jakin bat gailentzea eragin du azkenean, garaian garaiko «kultura maskulino» bati lotutako autoritate eredu bat. «Idazle izatea zer den horren araberakoa izan da, eta horrek zaildu du garai hartako emakumeak eredu horren barruan idazletzat aitortuak izatea». Argitalpen batzuk Gerraurreko emakume idazle gehientsuenek, artikuluez harago, garaiko aldizkarietan argitaratu zituzten euren literatur piezak, modu soltean. Formatu osoagoan plazaratutako batzuk dira hauek: Oleskari biyak. Karmele Errazti (1914). Garbiñe. Katalina Eleizegi (1916). Loreti. Katalina Eleizegi (1917). Miren'i idazkiak eta olerkiak. Tene Mujika (1923). Gaine. Katalina Eleizegi (1929). Irakurri, matte. Julene Azpeitia (1932). Amattoren uzta. Maddi Ariztia (1934). Gogo-oñazeak. Tene Mujika (1934). Gabon. Tene Mujika (1935). Amandriaren altzoan. Julene Azpeitia (1961). Zuentzat. Julene Azpeitia (1974).
2023-8-16
https://www.berria.eus/albisteak/231584/garai-bat-gainez-egiteko.htm
Kultura
Garai bat gainez egiteko
Gerraurrean idazten aritu ziren emakumeak, gehien-gehienak, Emakume Abertzale Batzaren bueltan aritu ziren. Politikan, mitinlari; kulturgintzan, idazle, antzerki zuzendari, antolatzaile eta beste. XX. mendearen lehen herena zen, eta «den-dena mugitzen» ari zen. Bi ardatz nagusik eman zieten bide emakume abertzaleen emantzipazio urratsei: modernitatearen etorrerak eta abertzaletasunaren ordena berriak.
Garai bat gainez egiteko. Gerraurrean idazten aritu ziren emakumeak, gehien-gehienak, Emakume Abertzale Batzaren bueltan aritu ziren. Politikan, mitinlari; kulturgintzan, idazle, antzerki zuzendari, antolatzaile eta beste. XX. mendearen lehen herena zen, eta «den-dena mugitzen» ari zen. Bi ardatz nagusik eman zieten bide emakume abertzaleen emantzipazio urratsei: modernitatearen etorrerak eta abertzaletasunaren ordena berriak.
Bi adierazpen gerraurreko emakume idazleak garaian kokatzeko. Gurutze Ezkurdia: «Euskal Herriak galdu egin zituen gerra karlistak, harekin foruak, eta hortik abiatuta zabaldu zen lehen mende herenean Euskal Pizkundea daukagu; euskaltasunaren loratzea». Eta Miren Llona: «Iraultzak arrakasta izan zuen, Eliza mehatxupean sentitzen zen sekularizazioaren garapenarekin, eta generoari zegokionez, klaseari zegokionez... den-dena mugitzen ari zen; XX. mendeko lehen hiru hamarkadetan, desordena orokortu bat zegoen». Historialariak dira biak, EHUko irakasleak, eta biek eskaini diote arreta XX. mende hasierako abertzaletasunean emakumeek jokatutako rola aztertzeari —Ezkurdiak Begoña Bilbaorekin eta Karmele Perezekin egin izan du lan; taldearen izenean hitz egin du BERRIArekin—. Bat etorri dira andreei protagonismo jakin bat izateko modua eman zien garai baten parte izan zirela, eta paradoxa batera eraman du interesgunea Llonak: «Haien diskurtsoa familiaren, amatasunaren, gizon-emakumeek egiteko bereiziak dituzten ideiaren aldekoa zen. Baina, era berean, taldean mobilizatzen ziren, eta etengabea zen euren mugen birdefinizioa haien praktiketan». Andereño Idazleen I. Batzarra; 1930eko abuztuaren 24koa. William L Houben Abertzaletasunaren sarea ehuntzera zuzendu zen praktika hori, eta, herriz herri, hamaika jardun publikotan aritu ziren andreak. Ez beti ziurtasunez —«Sartu al nindeke?», dio, esaterako, Loretxuk 1930ean El Día-n—, baina bai taldean bilatuz babesa —«zaletasun aundia ikusten det emakume idazle artian»—. Posible egin zuten ardatzetako bi modernitatea eta abertzaletasun berria izan ziren, nahiz eta asko ez ziren EAJkoak izan, Ezkurdiak oroitarazi duenez. Misoginiatik urrats bat «Askotan pentsatzen dugu berdintasuna modernitateak inauguratu zuela, baina ez: hori borroka feministak ekarri du», ohartarazpena hasieratik Llonak. Modernitateak ekarri zuena aurreko urrats bat izan zen harentzat, emakumeekiko mendetako kultura azpiratzailea garaitzen hasteko lehen urrats bat. «Sustrai oso sakonak zituen kultura historiko bat genuen, misoginia, Eliza katolikoak mendetan transmititu zuena, baina lehenagotik zetorrena: emakumea menpeko izakia deneko ideia. Hori hor zegoen, eta gero etorri zen kultura modernoa, liberala, sexuen osagarritasunaren ideia dakarrena: emakumea jada ez zen gizonaren menpeko, baizik eta gizonaren osagarri». Talkan zeuden bi kultura, eta bietatik edango zuen EAJk, Llonaren arabera: «Arana, abertzaletasunaren idearioa sortuz joan ahala, misoginia tradizionaletik abiatu zen. Harentzat, emakumeak maltzurrak ziren, ez fidagarriak, salbu eta [hark sortutako] Liberen figura, zeina emakume ahul bat zen». Aldiz, 1920ko eta 1930eko hamarkadetan alderdia «modernizatzen» hasi zela dio, gutxika «osagarritasunaren ideia» barneratzen: «Kontzientzia hartzen hasi ziren: aberriaren eraikuntza guztien artean egin beharreko lana dela». Orduan sortu zen EAB Emakume Abertzale Batza, andreen antolakundea. Bi aldi izango ditu: 1922-1923 artean, Bilbo inguruan eratuko da; eta 1930eko hamarkadan, indar handiagoz, ia Hego Euskal Herri osoan osatuko dira taldeak. Aldi bertsuan, Ipar Euskal Herrian, emakume abertzaleek Begiraleak taldea sortuko dute 1933-1934 artean. Apenas ikertu den hartaz, baina jakina da Madalena Jauregiberri idazle zuberotarra izan zela lehendakaria. Modernitateak ekarriko ditu, halaber, teknologia berriak; garaiko poetek maiz aipatuko duten trena —«bultzia»— edo prentsa bera. «Abertzaletasunaren iruditeria baserri baten defentsan ardaztu bazen ere, Bilbon jaio zen, Zazpikaleetan», nabarmendu du Llonak. «Haren kultura politikoa urbanoa zen, eta hedapenerako zeuden bide modernoenak erabili zituen: antzerkia, manifestazioak, aldizkariak...». Dozenaka emakume, 1932ko Lehen Aberri Egunean, Bilbon. Auñamendi - Eusko Entziklopedia Aberrigintza bitarra Euskal nazioaren eraikuntza lan konpartitutzat hartu zen, beraz, baina sexuaren araberako zeregin banaketa ezarri zuen abertzaletasunak. Emakumeei, «sentimentalagoak» zirelakoan, «aberriaren ama funtzioa betetzea» eskatu zitzaien, Llonaren hitzetan: «Arrazoia eta inteligentzia balio maskulinotzat hartu ziren; aldiz, alderdi emozionala, amatasunari lotua, emakumeen mundukotzat hartu zen. Jendea hunkitzea lortu behar zuten, uler zezatela Euskadi existitzen zela eta denon artean eraiki behar zela». Arrakala horretatik sartu ziren milaka andre plaza publikora —EABk 25.000 kidetik gora ere izan zituen—, eta 1932ko Lehen Aberri Egunean modu masiboan atera ziren kalera. «Hori nobedade handia da», esan du Llonak. Eta aberriaren alde emozioen bidetik jarduteko formatzat jo du, hain justu, haietako askoren literatura ere. «Tene Mujikak, Jule Gabilondok, Julene Azpeitiak... jendea emozionatzeko lan bat egin zuten, animoak berotzekoa». Pizkundeak literaturari emandako bultzada ere funtsezkoa izan zen idazleak garaian kokatzeko. Sariketak eta erakundeak sortu ziren, eta lehen lerroan zuden gizonek parte hartzeko eskaera egin zieten andreei. Ander Arzelus Luzear-ek, 1930eko abuztuaren 7an, hala idatzi zuen El Día-n: «Euskaldun andereñoak, idazlerik onenak egin nai zinduzket, ez nere almenez (etzazute parrik egin), zuek idaztera beartu utsaz baiziz»—. Eta Lauaxetak hala, 1932an, Euzkadi aldizkarian Emakume arlua saila martxan jarriko dutela iragartzean: «Olerkijetan urtenak diran gustijak, egin begijez. Ipuñetan dakijenak be (...), ekin begije». Idaztera animatu ziren andreak 1930etik aurrera ugaritu ziren bereziki, eta bada funtsezkoa den argazki bat abiapuntuan: Luzearren deiari erantzunez 1930eko abuztuaren 24an Zarautzen (Gipuzkoa) egindako Andereño Idazleen I. Biltzarrekoa. Bertakoa zen Miren Etxabe Lau Uxo antolatzailea, eta handik urtebetera Itziarren (Deba, Gipuzkoa) elkartu ziren ostera. Euskel Idazle Batzaren bilkura mistoetan parte hartu zutenen artean ziren, halaber, Mujika, Margarita Untzalu, Errose Bustintza eta Elbira Zipitria. Bien bitartean, orduko giro politikoa «tentsio handikoa» zela gogorarazi du Ezkurdiak. Indar kontserbadoreak mutur batean, eta handituz zihoazen ezkerreko mugimenduak bestean. Azken horien arteko emakume militanteak plazan agertzen hasiak ziren ordurako —Maria Maeztu sozialista eta Dolores Ibarruri komunista oroitu ditu—, eta hori ikusita ere hasi zen abertzaletasuna bere emakumeei mobilizatzeko deia egiten. Elizaren zehar-bultzada Forma katolikoa, urbanoa eta klase ertainekoa eman zion Aranak abertzaletasunari—«goi burgesia, klase ertaina eta langile klaseko jendea egon zen, baina ez zuten klase borrokaren ideia bereganatu», Llonak—; baina beste oinarri bat ere hartu zuen, zeinak ate bat ireki baitzion andreen parte hartzeari: euskara ez zen gehiago erabilera naturalerako hizkuntza izango, ezpada euskaltasunaren ardatzetako bat, zeinataz andrazkoek egin beharko zuten kargu. Jendea euskaldunduko bazuten, eskolak behar zituzten, baina. «Hori oso garbi ikusi zuten», Ezkurdiaren hitzetan. Espainiako Bigarren Errepublikan ikastolak ugalduko ziren, baina aurreko bestelako ereduak ere esanguratsuak dira harentzat, erakusteko hizkuntzaren kontzientziak zer leku irabazi zuen pixkanaka hezkuntzan. Esate baterako, Bilboko irakasle eskolako maistrek euskarazko katedra sortu zuten 1918-1919ko ikasturtean, eta, Ezkurdia eta haren kideek Emakumeak, hitza eta bizitza (2012) liburuan jaso zutenez, euskararekiko interesaren gorakada erakusten dute orduko datuek: 1920-1921eko ikasturtean, maistragaien %18 matrikulatu ziren euskarazko adarrean; 1921-1922koan, %27 izan ziren; eta 1922-1923koan, %64. Hamarkada horietan, beraz, euskara politizatzen hasi zen, baina ñabartu egin du Ezkurdiak. «Politizatu ziren hizkuntzak espainola eta frantsesa ere baziren, eta inolaz ere ez zeuden maila berean. Haiek behartu zezaketen eskoletan hizkuntza nazional gisa eurena ikastera, eta hala egin zuten». Gauza bat argi du, ordea: «Euskara identitate elementu modura hartzen hasi zen urte horietan, eta alor hori emakumeek jorratu zuten». Beste ñabardura bat ere egin du andre horien inguruan eratu den irudiaz: «Ñoñotzat hartuak izan dira, baina asko oso pertsona kultuak izan ziren». Eta gaitzetsi egin du Elizak abertzaletasunean jokatutako rola sinplifikatu izana. «Begira, besteak beste, Aitzol, apaiza, ze azkar fusilatu zuten». Nazio-estatu ardatzetik aparte, Eliza katolikoak urte horietan bizi zituen aldaketen garrantzia ere azpimarratu du Llonak. Zeharka izan arren, Elizak emakumeen mobilizazioa babestu zuela esan du: «Elizako sektore batzuk ikusten hasi ziren gizonak askoz lehenago antiklerizatu direla, eta beren parrokietako zati handiena emakumeek osatzen zutela. Emakumearen Ekintza Katolikoa sustatu zuten, esaterako, eta andreen mobilizazio izugarria ekarri zuen horrek. Kontraesanezko rol oso aktiboa da Elizarena: antolatzeko modua sortu zuen, benefizentziarako izanda ere, eta, emakumeak bilduz joan ahala, erabakiak hartu ahala, mugak zabalduz joan zen». EAJri Emakume Abertzale Batzarekin gauza bera gertatu zitzaiola iruditzen zaio: «EABren helburuek ez zuten izaera feministarik, baina aktibismoa zegoen, eta aktibismoak agentzia eraiki zuen. Emakumeak kapazago egin zituen erabakiak hartzeko, eta, alderdia haien funtzioak mugatzen saiatu arren, aktibismo horrek gainez egiten zuen etengabe». Horren erakusletzat aipatu du Polixene Trabudua eta Haydenne Agirre militanteen 1933ko atxiloketa. «Askatu zituztenean, Bilbon omendu zituzten, eta esanguratsua da izena: Euskal Amari Omenaldia. Aberriaren eraikuntzan euren lekua zein den gogorarazteko saiakera da». Ezkurdia ez dator bat feminista ez zirela diotenekin. Orduko feminismoaren eredu indartsutzat ikusten ditu hark; alderdiaren hitzetik at, autonomia zutenak. Edonola ere, gerrak aldaketa giro oro zapuztu, eta frankismoak atzeraldi handia ezarri zuen urratutako emantzipazio bideetan. Llona: «Batzuetan ez da behar beste hitz egiten horretaz, baina frankismoaren zutabe nagusietako bat emakume modernoarenganako aurkaritza izan zen». KRONOLOGIA BAT 1876. Foruen galera 1891. EAJren sorrera. 1918. Eusko Ikaskuntza sortu. 1919. Euskaltzaindia sortu. 1922. Emakume Abertzale Batzaren sorrera. 1923-1930. Primo de Riveraren diktadura. 1930. Andereño Idazleen I. Batzarra. 1931-1939. Espainiako Bigarren Errepublika. Emakumeek boto eskubidea lortuko dute Hego Euskal Herrian —Ipar Euskal Herrian, 1944an—. 1932. Lehen Aberri Eguna. 1933. Euskel Idazle Batzaren sorrera. 1936-1939. 36ko gerra. 1939-1975. Francisco Francoren diktadura.
2023-8-8
https://www.berria.eus/albisteak/231585/azkaineko-gizon-bat-zigortu-dute-bizilagunari-lau-urtez-jazartzeagatik.htm
Gizartea
Azkaineko gizon bat zigortu dute bizilagunari lau urtez jazartzeagatik
Jazarria izan den emazteak salaketa aurkeztu zuen, eta 47 urteko gizona abuztuaren 4an atxilotu zuten. Atzo, zortzi hilabeteko atxiloketa zigorra ezarri zioten, gibelapenarekin.
Azkaineko gizon bat zigortu dute bizilagunari lau urtez jazartzeagatik. Jazarria izan den emazteak salaketa aurkeztu zuen, eta 47 urteko gizona abuztuaren 4an atxilotu zuten. Atzo, zortzi hilabeteko atxiloketa zigorra ezarri zioten, gibelapenarekin.
Emazteak 2019ko urtarrilean jarri zuen salaketa, Sud Ouest-en arabera. 11 urte ziren bikote zirela, eta, azken lau urteetan, irainak, umiliazioak, bekaizkeria eta esku hartze psikologikoak abiatu ziren. Salaketa jarri eta lau urtera atxilotu dute gizona, aurtengo abuztuaren 4an; zortzi hilabeteko atxiloketa zigorra ezarri diote, gibelapenarekin eta bi urteko probaldiarekin. Jakin denez, ez da 47 urteko gizona zigortu duten lehen aldia. Duela urte batzuk, emazte ohiarenganako bortizkeriagatik kondenatu zuten, eta baita familia uzteagatik ere. Atzoko auzian, gizonak erantzukizuna ukatu zuen: haren arabera, medikuak agindu txarrak egin izan dizkio, eta hartzen dituen tratamenduek dizkiote halako portaerak eragiten.
2023-8-18
https://www.berria.eus/albisteak/231586/planetak-testuen-argitan.htm
Kultura
Planetak testuen argitan
XX. mende hasierako andre abertzaleei begiratu izan zaienean, batik bat, soziologiatik begiratu izan zaie, baina urria da haiek idatzitakoari buruz egindako ikerketa. Idatzi zutena apenas jarri den erlazioan orduko beste testu batzuekin, eta, jarri izan denetan, ezustekoak topatu izan dituzte aztertzaileek: modernitatearen lehen oihartzunak, esate baterako.
Planetak testuen argitan. XX. mende hasierako andre abertzaleei begiratu izan zaienean, batik bat, soziologiatik begiratu izan zaie, baina urria da haiek idatzitakoari buruz egindako ikerketa. Idatzi zutena apenas jarri den erlazioan orduko beste testu batzuekin, eta, jarri izan denetan, ezustekoak topatu izan dituzte aztertzaileek: modernitatearen lehen oihartzunak, esate baterako.
«Hau da zailena», abisatu dio lehen gauza Amaia Alvarez Uriak kazetariari. «Idatzi zutenei buruz bainoago, idatzi zutenari buruz hitz egitea». Eta horregatik hitz egiten dute hitz egiten dutenek, hein batean, oinak oso lur ziurrean sentitzen ez dituenaren zuhurtziaz. Gerraurreko emakume idazleak berreskuratzeko lehen urratsa haien izenak eta bizi-ibilbideak azaleratzea izan baita, baina urri baitira oraindik ere haien testuetan sakon murgil egin duten saioak. Xabier Altzibar EHUko irakasle ohiarena da horietako bat. Julene Azpeitiaren biografia eta obrari buruzko lan mardula plazaratu zuen duela bi urte —Askatasun eguzkia baino beharrago—, eta Azpeitiaren eta belaunaldikideen idatziek ageri duten «taldetasuna» nabarmendu du lehenik: «Elkarren arteko atxikimendua oso garbi nabari da testuetan. Nolabait, euskararen aldeko militanteak dira, eta ideologia abertzalean euskarak duen rolaz jabetuak. Ikusten dute hor badutela zer egina; konfiantza erakusten dute beren buruengan, eta, aldi berean, deskonfiantza gizasemeen politikagintzan». Gaiak, aldiz, lau dira harentzat: «Doktrina abertzalea, emakumeen antolaketa, gizarte gaiak —klase ezberdintasunak, umeen heziketa, jatorriari buruzko aurreiritziak, senide arteko liskarrak...—, eta erlijioa». Luzearren 1930eko deiaren ostean ugaritu baziren ere andrazkoak letren plazan, lehenagotik ere hasiak ziren batzuk argitaratzen; Tene Mujikak eta Katalina Eleizegik, esate baterako, 1910eko urteetan eman zituzten euren estreinako piezak. 1920ko hamarkadan, berriz, aurten duela ehun urte argitaratu zuen Mujikak Miren Itziar'i idazkiak eta olerkiak, eta «mugarritzat» jo du Altzibarrek. «Abertzaletasun konfesionalaren alde jarduteko beldur den emakumea irudikatu zuen Tenek, eta jarraibideak eman zizkion: haurrei euskaraz irakastea, euskal ohiturak indartzea, aukeran senartzat gizaseme euskotarra aukeratzea... Mugarria da doktrina bat formulatu zuelako, eta liburu bat delako, emakume oso gutxik lortu zutena». Alvarezek, berriz, Eleizegi du sakon aztertua. Doktore tesia eskaini zion, eta, haren antzezlanek eredu tradizionalari segitu bazioten ere, «emakume izateko modu desberdinak» garatu zituela defendatu izan du. Berriki, Ehazek argitaratu duen Ekin eta joka. Azken ikerketak euskal teatroaz (2018) liburuan garaikide izan zituen beste obra batzuekin erkatu ditu Eleizegiren antzezlanak —«hauekin falta dena hori da: dialogoan jartzea beste obra batzuekin»—, eta han ere sakondu du aurreko ideian. Hala idatzi du: «Bere azken lan ezagunean, taula gainera eraman zuen egokitu zaion rola gainditzen duen Katalina Erausoren bizitza; protagonista bihurtu zuen ezkondu ez zen, ama izan ez zen, moja izatetik ihes egin zuen eta gizon moduan aske bizi eta bere ametsaren atzetik zorionaren bila joan zen pertsona». Garai hartan pil-pilean ziren gaiei —nazioa, generoa, klasea— leku egin ziela eta «girotze historiko aberatsa» landu zuela ere nabarmendu du liburuan lehen kapituluan. Zalantzak eta esan indarra Olerkigintzan, bestalde, Jon Kortazar EHUko irakasleak aztertu zituen gerraurreko bi emakume poeta literatur kritikatik estreinakoz, 1995ean: Frantziska Astibia Onintze eta Sorne Unzueta Utarsus. «Garbi zegoen izarrak aztertuak genituela, Lauaxeta eta Lizardi, baina planetekin zer gertatzen zen ikertzea falta zen; Aitzolen inguruan zegoen Yakintza aldizkarian zer zegoen begiratzea otu zitzaidan, eta beste horrenbeste Lauaxetaren inguruko Euzkerea aldizkariarekin». Hor agertu zitzaizkion bidera Onintze eta Utarsus, eta haien testuetan, berriz, «irudi topikoetatik aparteko zerbait». Hots, modernismoaren zantzuak. Onintzeri dagokionez, zera nabarmendu zuen: obra murritza bada ere, fedearekiko zalantza agertzen duen joera existentzialista bat ageri dutela haren olerkiek—«Gure biyotzetik ken lizuna», eskatzen dio lerro batean Jainkoari, esate baterako—. Horrekin batera, erotismoaren, bitalismoaren eta gaztaroaren gorazarrea ere aurkitu zuen Kortazarrek haren lerroetan, baita «lirismoaren» arrasto zenbait ere. «Bere bidez agertzen dira Euskal Herrian existentzialismo eta modernismo sentikor baten lehenengo oihartzunak». Eta antzeko bideak urratzen ikusten du Utarsus ere. Hark «olerki aberkoia» gehiago landu bazuen ere —Itxartu, euzko alabea! (1931) da haren testurik ezagunenetako bat—, estetika modernistaren koordenatuetan kokatu zuen Kortazarrek; hiztegiaren berritasuna, «metrikaren iraultza» eta modernisten giro zehaztugabea jarri zituen horren erakusletzat. «Dena laino mehe batek estaltzen du [Utarsusen poesian] eta errealitatearen ikuspegia ez da inoiz garden agertzen». Aurrerago, iragan mendeko beste emakume idazle batengana ere eraman zuen beste lan batek Kortazar. 1938an Bartzelonan argitaratu zen Euzkadi egunkaria aztertu zuen orduan, eta Errose Bustintza Mañariko-ren gerrari buruzko testuak topatu zituen: «Gerra eta gerraren mina adierazteko erabiltzen duen sentsibilitatea nabarmendu nahi nuke», esan du. «Bartzelonatik idazten du, baina oso begi zuzena du gerrak sortzen duen sufrikarioa adierazteko. Asko estimatzen dudan kasu bat da». Denera, ehun ipuin baino gehiago plazaratu zituen Euzkadi-n Mañarikok. Sentsibilitatea goratu du Altzibarrek ere Azpeitiaren idazkeratik. «Sentiberatasun sakoneko idazlea da, deskripzioez eta elkarrizketa biziz baliatzen dena sentimenduak adierazkortzeko. Grazia eta espresio indar handia dauzka; ahozko tradiziotik datorren kontaera bat, baina euskara landua erakusten duena». Osatu zituen itzulpen lanak ere oroitu ditu, eta erantsi garai hartako idazleek beste ezaugarri komun bat dutela, neologismoak. «Kuriositate filologikotik bada ere», hitzen lanketa hori aipagarritzat jo du Alvarezek ere: «Horrek ere badu sormenetik». Irizpideak eta baldintzak Haien obraz aritzean, galderarik arantzatsuenetako bat kalitate literarioaren zenbaterainokoa izaten da —batik bat, helburu politikoei segika idatzi zutelako—. Hori, baina, euskal literaturaren historiako «gatazka klasiko bat» dela dio Alvarezek. «Apaizek idatzi zutena literatura da ala XX. mendean hasten da benetako literatura? Gaur egungo galdera da: autofikzioa literatura-literatura da? Hor geruza asko daude, eta jakina da irizpide literarioak boterea duenak ezartzen dituela». Haren ustetan, beste bat da idazle hauen lana baloratzeko hartu beharreko ikuspuntua: «Garai hartan emakume idazleek lortu zuten legitimazioa beren testuak argitaratzeko, hain zuzen, helburu politikoa zeukatelako. Horri esker eman zioten baimena, bai besteek eta bai eurek euren buruei, sortzeko eta bide bat egiteko. Batzuk geratu ziren idatzi politikoak idazten, eta beste batzuek bide luzeagoa egin zuten». Aurreiritziak indarrean daudela dio; eta «kritikatu» aurretik, haien lanak irakurri behar direla uste du. Halaber, eta testuz kanpoko elementua izan arren, obrak beren testuinguruan aztertzeko baldintza materialak begiratzea ere inportantea dela aipatu du Alvarezek; esaterako, edo batik bat, idazten jardun zuten andreetatik zenbat ez ziren ezkondu, zenbatek ez zuten izan haurrik. «Emakume idazleen historian agerikoa da horren eragina. Dirua, zaintza lana, denbora... egungo gaiak dira, baina betiko gaiak dira». Mujikaren eta Eleizegiren kasua izan zen hori, besteak beste, eta biengan ikusten du «idazle bokazioa» Altzibarrek. Baita Azpeitiarengan, Mañarikorengan eta Jule Gabilondo Maite-rengan ere. «Argi ikusten dut, asko eta jarraitutasunez idatzi zutelako, batzuk baita gerraostean ere».
2023-8-8
https://www.berria.eus/albisteak/231587/euskararen-legea-berritzeko-aukera-hitzartu-dute.htm
Gizartea
Euskararen Legea berritzeko aukera hitzartu dute
1986ko Euskararen Legea garatzeko eta, beharrezkoa balitz, aldatzeko aukera adostu dute PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak gobernu akordioan.
Euskararen Legea berritzeko aukera hitzartu dute. 1986ko Euskararen Legea garatzeko eta, beharrezkoa balitz, aldatzeko aukera adostu dute PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak gobernu akordioan.
Hizkuntza politikari dagokionez, zortzi puntu adostu dituzte gobernua osatuko duten hiru alderdiek, eta horien artean dago 1986tik Nafarroan indarrean den eta euskara hiru gune linguistikotan banatu duen Euskararen Legea aldatzeko aukera. Ikusi gehiago: Sinatu dute Nafarroako Gobernurako akordio ituna Ez dute legea alboratu. Areago, «kontsentsurako arau gisa» mantentzeko beharra ere aipatu dute. Baina, hura garatu eta, beharko balitz, aldatzeko aukera ere aurreikusi dute. Nafarroako Foru Hobekuntza eta hainbat printzipio errespetatu beharko lituzkete horretarako: besteak beste, Nafarroako errealitate soziolinguistikoa islatzea, eta Nafarroan erabiltzen diren hizkuntzen arteko elkarbizitza bermatzea. Ildo horretan, helburu bat ere aipatu dute: euskara alderdien arteko eztabaidetatik ateratzea, eta herritarren artean egon daitezkeen bazterketa sentimenduak aldentzea. Euskararen foru legea garatuko litzateke, egiten bada, Nafarroako errealitate soziolinguistikoak aintzat hartuko lituzkeen parte hartze prozesu baten bidez. Adostutako zortzi puntu horietan ere adierazi dute euskararen ezagutza sustatu nahi dutela, herritarren borondatea eta berdintasun aukeren printzipioak errespetatuta. Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren aholkuei eta Europako Kontseiluak egiten dituen gomendioei erreparatzeko asmoa ere azaldu dute, baita inguruko beste eskualde eta erkidegoekin dituzten elkarlan esparruei eustekoa ere. Azkenik, Euskarabideari eutsi diote hizkuntz politika aurrera eramateko erakunde autonomo gisa. Desadostasunak Esanguratsuak dira, gai honi dagokionez, gobernukideen artean izan diren desadostasunak ere. Haietako batzuk jaso dituzte gobernu akordioaren atzeko aldean, hitzartu gabekoen atalean, hain justu ere. Hor ikusten da, bereziki, PSNk eta Geroa Baik zer talka izan duten gai honi buruz. Geroa Baik planteatu du zonifikazioa amaitu egin behar dela, eta horretarako premiazkoa dela Foru Hobekuntza berritzea. PSNk, berriz, Euskararen Legearen balioa azpimarratu du, Nafarroaren errealitate linguistikoarekin «bat» datorrelakoan.
2023-8-8
https://www.berria.eus/albisteak/231588/nbek-salatu-du-azken-urtean-ugaritu-egin-direla-gerra-krimenak-myanmarren.htm
Mundua
NBEk salatu du azken urtean ugaritu egin direla gerra krimenak Myanmarren
Iazko uztaila eta aurtengo ekaina bitarteko epea aztertu du Myanmarrerako Ikerketa Mekanismo Independenteak. Zibilen hilketak eta preso hartutako milizianoenak jasotzen ditu txostenak, baina baita sexu indarkeriako kasuak ere.
NBEk salatu du azken urtean ugaritu egin direla gerra krimenak Myanmarren. Iazko uztaila eta aurtengo ekaina bitarteko epea aztertu du Myanmarrerako Ikerketa Mekanismo Independenteak. Zibilen hilketak eta preso hartutako milizianoenak jasotzen ditu txostenak, baina baita sexu indarkeriako kasuak ere.
Azken urtean ugaritu egin dira gerra krimenak Myanmarren, eta «gero eta nabarmenagoak» dira. Hala ondorioztatu du IIMM Myamarrerako Ikerketa Mekanismo Independenteak gaur argitaratutako azken txostenean. Iazko uztaila eta aurtengo ekaina bitarteko tartea ikertu du NBE Nazio Batuen Erakundearen barne lan egiten duen taldeak, eta, dokumentuaren arabera, junta militarrak «zibilak eta preso hartutako milizianoak» hil ditu, baita sexu indarkeria eta torturak baliatu ere «oposizioa makurtzeko». «Zibilen heriotza oro da zorigaiztokoa Myanmarren, baina bereziki ankerra da bonbardaketek eta herrietan eragindako suteek komunitateetan eragindako hondamena», salatu du IIMMko buru Nicholas Koumjianek. Ikerketa lanaren helburua da frogak biltzea epaiketa batean erabili ahal izateko —Nazioarteko Justizia Auzitegiarekin eta Nazioarteko Zigor Auzitegiarekin elkarlanean ari da erakundea—. Txostenean aipatzen diren krimenetako bat 2023an Sagaing herrian egindako bonbardaketa da. Ordu hartan 155 pertsona hil zituzten. Junta militarrak «zuritu» egin ditu eraso horietako asko, «terrorismoaren aurka» ari dela argudiatuta. Ikertzaileen arabera, ordea, eskolak eta santutegiak izan dira eraso horietako askoren helburu, gune militarrekin batera. «Militarrek jakin behar zuketen edo bazekiten zibilak zeudela gune militar horietan edo inguruetan». Nazioarteko legediaren arabera, agintarien eginbeharra da euren agindupean daudenek gerra krimenak egitea eragoztea, edota horiek zigortzea; hori egin ezean, eurak bilakatuko lirateke krimen horien erantzule. «Krimen horiei entzungor egiteak iradokitzen du junta militarrak jakin bazekiela zer gertatzen ari zen», ondorioztatu dute dokumentuan. Orotara, 700 iturriren bitartez jaso du informazioa ikerketa taldeak, tartean 200dik gora lekuko. Horrez gain, hainbat argazki, bideo eta dokumentu ere bildu dituzte, krimenen erantzuleen aurkako epaiketa batean baliatu ahalko liratekeenak —orain arte, ikertzaileek ez dute izan herrialdera sartzeko aukerarik—. Dokumentu horietako askok jasotzen dute rohingya etniako kideen aurkako sexu indarkeria. «Krimen horietan orain arte ikusi gabeko ankerkeria baliatzen dute, biktimari ahalik eta oinaze handiena eragiteko asmoz», salatu du Koumjianek. 2016an hasi zen ikerketa taldea Myanmarren lanean, rohingya etniako gutxiengo musulmanaren aurkako indarkeria oldea lehertu zenean. Operazio mililtar haien ondorioz, milioi bat pertsona baino gehiago kanporatu zituzten herrialdetik. Azken urtean, hala ere, lanak azkartu ditu ikerketa taldeak, krimenen erantzuleak identifikatu eta epe ertainean haien aurkako auziak zabaldu asmoz. Borroka gogorrak Duela bi urteko estatu kolpeaz geroztik ugaritu egin dira junta militarraren aurka armak hartzea erabaki duten zibilak, eta horiekin batera baita oposizioko milizien eta armadaren arteko borrokak ere. Hala, Batasun Nazionaleko Gobernuak zabaldu duenez, urtearen hasieratik 3.000 soldadu baino gehiago hil dituzte Herriaren Defentsarako Indarrek eta haien aliatuek. Azken egunetan, Sagaing herriaren inguruetan izan dira liskarrak, hiribuaren iparraldera. Erbestean den gobernuaren esanetan, milaka zibilek ihes egin behar izan dute inguruetatik, junta militarren bonbardaketen beldur. 2021ean egin zituzten azken hauteskundeak Myanmarren. Ordu hartan, NLD Demokraziarako Liga Nazionala alderdiak irabazi zituen bozak, gehiengo zabalarekin —parlamentuko 476 eserlekuetatik 396 eskuratu zituen NLDk, eta 33 militarren aldeko Batasuna, Elkartasuna eta Garapena alderdiak—. Hasieran, armadak ontzat eman zituen emaitzak, baina, gobernuko kideek kargua hartu behar zuten egun berean, otsailaren 1ean, militarrek estatu kolpea eman zuten, argudiatuta «iruzurra» izan zela bozetan. Bi urte hauetan, gutxienez kolpearen aurkako 2.900 ekintzaile erail eta 17.000 atxilotu dituzte erregimeneko indarrek, AAPP preso politikoei laguntzeko elkartearen arabera.
2023-8-19
https://www.berria.eus/albisteak/231593/erresilientziaren-ikasbideak.htm
Kultura
Erresilientziaren ikasbideak
Euskal ikasketak eta genero begirada uztartzen dituen pentsamenduan dabiltza Agirre eta Goikoetxea azken boladan, eta ez dute dudarik gerraurreko emakumeek arreta handiagoa «merezi» dutela. Bat datoz egun bizi-bizi diren eztabaidez pentsatzeko eta datozen erronkei heltzeko tresnak gorde ditzaketela haien bizi lekukotzek.
Erresilientziaren ikasbideak. Euskal ikasketak eta genero begirada uztartzen dituen pentsamenduan dabiltza Agirre eta Goikoetxea azken boladan, eta ez dute dudarik gerraurreko emakumeek arreta handiagoa «merezi» dutela. Bat datoz egun bizi-bizi diren eztabaidez pentsatzeko eta datozen erronkei heltzeko tresnak gorde ditzaketela haien bizi lekukotzek.
Elikagai denda bat izan zuen Tene Mujikaren sendiak sorterrian, Deban (Gipuzkoa), klandestinitatean lanean segitzeko leku bat bihurtu zena gerraostean. Etxerako gauzen denda bat dago egun, eta handik metro gutxira elkartu ditu BERRIAk Jakineko zuzendari Lorea Agirre (Beasain, Gipuzkoa, 1968) eta Mondragon Unibertsitateko irakasle Nekane Goikoetxea (Deba, 1970). Mujikari buruzko saioa idatzi du Goikoetxeak, eta XX. mende hasierako bederatzi andreren lan guztiak digitalizatu berri ditu Jakinek. Zergatik uste duzue dela garrantzitsua emakume hauei buruz gaurtik pentsatzea? LOREA AGIRRE: Hasteko, justizia egiteko. Lauaxeta, Lizardi... azaletik bada ere, ezagutzen ditugu, hezkuntzan sartuta egon daitezke; baina emakumeak, zero. Eta arrazoietako bat gure pentsamendu koloniala da. Abertzaletasuna pentsatzen dugulako Espainiako eta Frantziako abertzaletasunaren gaineko pentsamenduarekin; eta feminismoa, erdal feminismoaren epistemologiarekin. Miren Etxabek «emakumeok bordatxo bat behar dugu» idatzi zuen 1931n. Hori zer da, ezer ez ala kristorena? Abertzaletasunaren eta feminismoaren ideia hegemoniko batzuen galbahetik pasatzen ez denak ez du ekarpenik egiten, erreakzionarioa da... Guk geuk esan dezakegu hori, eta gure amona-birramonak dira. Begirada aldatuta, konturatzen zara asko dela egin zutena. NEKANE GOIKOETXEA: Nik esango nuke ekarpen inportanteena hori dela: marko propioaren aldarrikapena. Homologazio beharrak gure errealitatea gutxiestera eramaten gaitu sarri, eta hor dago eztabaidaren parte handi bat. Horretaz aparte, eta justiziarena nire eginda, iruditzen zait emakume hauek aukera handia ematen digutela gaurko eztabaida batzuei buruz pentsatzeko. Intersekzionalitateaz, demagun; nola eraiki denontzako gizarte bat. Emakume hauek egin zuten euren konglomeratua horri abertzaletasunetik erantzuteko; Tenek, adibidez, lotura izan zuen Eibarko langile mugimenduarekin, diskurtso bat eraiki zuen Debako udatiarren fenomenoarekikoa... Kristauegiak zirelako, ortodoxoegiak, leku askotatik izan dira baztertuak, eta ariketa bat iruditzen zait pentsatzea zer izan dezaketen gizarte berriari erakusteko antiheroiaren leku horretatik. Zer, esate baterako? GOIKOETXEA: Badago funtzionatzeko modu bat haietako askorengan. Ursula K. Le Guinen poltsaren teoria [The Carrier Bag Theory of Fiction] itzuli du lankide batek, eta hor ikusten dut nola bizi izan diren emakumeak poltsan intereseko zitzaiena gordetzen, hori beraiekin garraiatzen. Iraunkorra den jarrera bat da, erresilientziari lotua, arreta klase batzuei. Andre hauengan badaude ikasbide batzuk, erresistentzia modu batzuk, bizitzaren kalitateari lotutakoak, egungo krisi sozioekologiko honetan, etorkizuneko ikasbideak izan daitezkeenak. Iruditzen zaizue gaurko feminismoak ez dituela jaso? AGIRRE: Ez, baina abertzaletasunak, oro har, ere ez. EABko [Emakume Abertzale Batza] kideak ez ditu bere alderdiak ere errebindikatu. Euskal Herriko feminismoaren historia kontatu izan denean, emakume hauek ez dira kontatu. Eta aipatzekotan, esaten da izan zirela gizonen menpeko emakumeak, beraien jabe ez zirenak... eta ez da egia; hori ez da inoiz egia izaten. Andereño Idazleen I. Biltzarrean Miren Etxabek galdetzen du emakumea gutxiago ote den, emakumea burutsua ote den, emakumeen eskubideak aipatzen ditu... EABko kide batek emakume eta eskubide hitzak batera aipatzeak 1930ean ez dakit zer garrantzia duen, baina badakit ez genekien zerbait dela. Nik uste nuen ez zirela horretara iritsi. Nekane, liburuan diozu, adibidez, katolizismoa eta ideologia kontserbadorea ospe onari eusteko estrategiak ere izan zirela euskaldunentzat. GOIKOETXEA: Teneren azterketak bide eman dit baita ere pentsatzeko zer izan den kristau izatea euskaldunen artean. Zer izan den, adibidez, familian elizgizon bat izatea. Eta hor agertzen dira loturak klasearekin, naziotasunarekin, formakuntza eduki ahal izatearekin... Eliza gauza asko izan da euskaldunentzat; baita euskaldun izan ahal izateko gotorleku bat ere. Nekane Goikoetxea eta Lorea Agirre. Idoia Zabaleta, FOKU AGIRRE: Kontuan izan migrazioa ere badatorrela; horren aurrean zer izan pentsatu behar dute. Euskaldunon eta espainiarren arteko botere harreman desparekoaren aurrean, uste dut sortzen dutela emakume izateko beste eredu bat ezkerreko emakumeen irudi liberalagoarekin kontraposizioan, eta da emakume bertutetsuarena: arduratsua, zuzena, koloretako arropa gutxi, indar fisikoari garrantzia ematen diona, ez hiperfemeninoa... Nik errekonozitzen dudana ez nire baitan, baina bai nire familian. Bertutetsu edo oso katoliko izatearen arrazoia agian ez zen hainbeste fede kontu bat, botere harreman horretan zapaldua ez izateko modu bat baizik. Ezkerreko tradizio politikoetako andreak jada kalean zeudelako ere sustatu zuen abertzaletasunak EABren sorrera, ez? GOIKOETXEA: Bai, baina berdin gertatzen da, adibidez, ELAren sorrerarekin. UGT ari da langile guztiak bereganatzen, eta abertzaletasunak sortzen du bere sindikatua. Erreaktiboa da orduko logika. Tenek etengabe aipatzen ditu testuetan; ez bakarrik anarkistak edo sozialistak, baita frankistak eta beste antagonista batzuk ere. AGIRRE: Euskarak eta abertzaletasunak irekitzen die publikotasunerako atea emakume hauei, beste batzuei sozialismoak edo anarkismoak bezala. Emakumeen egitekoaren inguruko diskurtsoetan, bistakoa da badagoela ideien transferentzia bat mugimendu sozialistetatik abertzale batzakoengana. Baina, aldi berean, etenak daude: hizkuntzarena eta nazio borrokarena. Hor egin zuten indarra. Baina beste irudi bat gailendu da. AGIRRE: Denok nahiago izan dugu eduki amona iraultzaile sozialista-anarkista bat esaten zizuna joaten zela barrikadetara, harrika. Halako amona bat... zoragarri, datorrenerako prest jartzen zaitu! Abertzaletasuneko amonak ez dira justu hori izan; baina izan dira erresistenteak eta borrokalariak. GOIKOETXEA: Hasierako galderara itzulita, zer eskaintzen digun haiei gaurtik begiratzeak, gehituko nuke emakumea gutxiesten duen sistema kulturala argitzen laguntzen dutela; beraien desakreditaziorako sortzen den teknologia guztia inspiratzailea dela egun bizi ditugun biolentziak irakurtzeko. Batzuetan erregea biluzik pasatzen ikusten duzu, eta sistemak legitimatzen du. Pontifikatzeko beharra, zorroztasun gutxirekin uste handiak erakustea, rol publiko jakin batzuk jokatzea... Nabarmena da gehiegikeriak egoten jarraitzen dutela. Horrekin itxi duzu liburua: «Fakultateak emakumez bete badira ere, ageriko desorekak daude (...) euskal kultur sistemako instituzioetan. Gizonek gizonak aukeratzen dituzte gehienetan kooptazio bidez baita gurean ere». GOIKOETXEA: Niri hori baltsamikoa egin zait. Ikustea ahal zutena egin zutela orduko botere harremanetan posible zenaren barruan. Baina zer bizi du gaur emakume profesional batek? Gizon bandak nabarmenak dira, erakundez erakunde. Nik zu aukeratzen zaitut, eta zuk ni. Kooptazioa hori da, indarrean dago, eta ez dakit zein izan behar den hor gure lekua; igual baratzean aitzurrean aritzea da askoz interesgarriagoa. AGIRRE: Nik uste dut boterea ere hartu behar dela. GOIKOETXEA: Bai, ados. Baina, makroa den krisi garaikide honetan, gauza asko daude debatean botere haragijalearen ideiaren aurrean. Horregatik uste dut on egiten digula emakume hauei begiratzeak; hazten laguntzen digula begirada historikoak.
2023-8-8
https://www.berria.eus/albisteak/231594/geroa-baik-nafarroako-osasun-departamentua-gidatuko-du-gobernu-akordioaren-arabera.htm
Politika
Geroa Baik Nafarroako Osasun Departamentua gidatuko du, gobernu akordioaren arabera
PSNk zortzi departamentu gidatuko ditu, Geroa Baik lau, eta Zurekin Nafarroak bat. Alderdi bakoitzak presidenteorde bat izango du.
Geroa Baik Nafarroako Osasun Departamentua gidatuko du, gobernu akordioaren arabera. PSNk zortzi departamentu gidatuko ditu, Geroa Baik lau, eta Zurekin Nafarroak bat. Alderdi bakoitzak presidenteorde bat izango du.
Gobernu programa adostearekin batera, PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak urratsak egin dituzte Nafarroako Gobernuaren egitura berria antolatzeko. Inbestidura saioak aurrera eginez gero, Maria Txibiteren gobernu berriak hamahiru departamentu izango ditu, azken legealdiko kopuru bera. Izan ere, alderdi bakoitzak kontseilari kopuru berari eutsiko dio: PSNk zortzi, Geroa Baik lau, eta Zurekin Nafarroak bat. Halere, oraingoan talde bakoitzak presidenteorde bat izango du; azken legealdian PSNk eta Geroa Baik bana izan zuten. Jakinarazi dutenez, Geroa Bairen esku geratuko da Osasun Departamentua. Koalizioak, ordea, Etxebizitza arloa kudeatzeari utziko dio, Zurekin Nafarroaren mesedetan. Sozialistek departamentu hauei eutsiko diete: Hezkuntza, Lurralde Kohesioa, Ekonomia eta Ogasuna, Kultura eta Kirola —Turismoa ere barne hartuko du orain—, Unibertsitatea, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitala, eta Eskubide Sozialak eta Enplegua. Horretaz gainera, akordioaren arabera, bi departamentutan banatuko dute Presidentetza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne Departamentua, azken legealdian Javier Remirez presidenteordearen gidaritzapean egon dena. Batetik, Presidentetza eta Berdintasun Departamentu bat osatuko dute. PSNren esku egongo da, baina haren barruan kokatutako Berdintasun Institutua Zurekin Nafarroak gidatuko du. Bestetik, Funtzio Publiko, Barne eta Justizia Departamentua osatuko dute. Beraz, Justizia Ahal Dugu-ren eskuetatik PSNra igaroko da. Geroa Baik, berriz, Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuari eta Herritarrekiko Harremanetarako Departamentuari eutsiko die —azken horren barruan, PSNk gidatuko du Bake, Memoria eta Bizikidetza zuzendaritza—. Horretaz gainera, Industria, Trantsizio Ekologiko eta Enpresen Trantsizio Digitalerako Departamentua gidatuko du koalizioak, eta haren barruan kokatuko dute, besteak beste, proiektu estrategikoen kudeaketa ere. Azken legealdian, bi departamentutan banatuta egon dira afera horiek: Garapen Ekonomikorako Departamentua eta Lurralde Antolaketa, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoen Departamentua. Era berean, Osasun Departamentuaren ardura ere hartuko du Geroa Baik; azken legealdian Santos Indurain sozialistak gidatu du saila. Geroa Bairen eskuetatik Zurekin Nafarroaren eskuetara igaroko da, berriz, Etxebizitza Zuzendaritzaren ardura. Zehazki, Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politika Departamentua gidatuko du koalizio horrek. Azken legealdian, Ahal Dugu-k Justizia eta Migrazio Politiken Departamentua zuzendu du. Duela lau urte egin bezala, Nafarroako Parlamentuak Espainiako Senaturako hautatu beharreko kidea zehazteko akordioa ere egin dute. Geroa Baik hautatuko du. 2019an, Koldo Martinezen alde egin zuten. Hura Iruñeko Udaleko zinegotzia da maiatzeko bozetatik, eta Geroa Baik ez du adierazi oraindik nor izango den haren ordezkoa.
2023-8-20
https://www.berria.eus/albisteak/231597/hautsitako-katera-batu-zirenak.htm
Kultura
Hautsitako katera batu zirenak
Aurrekoez zer iritsi zitzaien galdetuta, «ezer ez» errepikatu dute gerraosteko urteetan plazaratu ziren emakume idazleek. Frankismoaren etenaldia bista-bistakoa da haien hitzetan, eta «urrezko arotzat» daukate egungoa, ezagututako beste garai batzuen aldean.
Hautsitako katera batu zirenak. Aurrekoez zer iritsi zitzaien galdetuta, «ezer ez» errepikatu dute gerraosteko urteetan plazaratu ziren emakume idazleek. Frankismoaren etenaldia bista-bistakoa da haien hitzetan, eta «urrezko arotzat» daukate egungoa, ezagututako beste garai batzuen aldean.
Ikasketak eta kultur munduko lehen urratsak diktadurapean egitea tokatu zitzaien Hego Euskal Herriko emakume idazleei. Nekez kontatu zieten ezer 36ko gerraren aurretik idaztera lotu ziren andreen inguruan; eta, beste eten batzuk tarteko, Ipar Euskal Herrian ere ezinbestez hedatu zen ezjakintasuna. Aurreko belaunaldikoek erantzun behar izan zieten premiei segida eman zieten batzuetan, eta plaza publikoan galdutako lekua hartzeko bidea berregin zuten ezari-ezarian denek. 1. Zer heldu zitzaizun gerraurreko emakume idazleen inguruan? Nola begiratu izan diezu? 2. Transmisio etenak izan du eraginik zugan? Antzematen duzu arrastorik? 3. Azken urteetan, dezente apaldu da androzentrismoa euskal literaturan. Egindako bideak eta gaurko egoerak zer gogoeta pizten dizkizute? Andoni Canellada, Foku 1. Ezer ez. Etxean, amarengandik erreferentziaren bat edo beste jaso nuen Emakume Abertzale Batzaren inguruan, ze bera gaztetxoa zenean apuntatu zen. Banekien bazeudela emakume militanteak, baina besterik ez; idazleez ez neukan ideiarik. Gero deskubritu ditut, erreibindikatu, eta ezagutu ere bai. Julene Azpeitia lehiaketako epaimahaikidea nintzela, lehenengo deialdian, pertsonalki ezagutu nuen Sorne Unzueta. Geratu zaidan ideia da, batez ere, abertzaletasunak bultzatuta idatzi zutela. 2. Etenaldia gutxi esatea da... Amildegia izan da. Nire gurasoak, aitona-amonak, euskaldunak izan arren, niri frankismoa puri-purian zela erdaraz bakarrik irakatsi zidaten. Eskolaratzea, literatura... dena erdaraz. Niri beti gustatu zait idaztea, eta ikasketak egitera Parisera joan nintzen gazte —Festa aldameneko gela-n kontatzen dut—. Baina euskalduntasunaren eta abertzaletasunaren harra ere sentitzen nuen, eta filosofiaren bidea utzi, eta Zarauzko ikastolan [Gipuzkoa], nolabaiteko etxabe batean, hasi nintzen lanean, ume txiki-txiki batzuekin eta euskara kaskar batekin, 1974an. Berehala konturatu ginen gauzak sortzeko zegoen beharraz. Nire kasuan, ikasleekin lantzeko liburuak, ez baitzegoen ia ezer. Hor sortu ziren nire lehen ipuinak, eta hor deskubritu nuen zein aberatsa den haur literatura modernoa. Etenaldiak izen bat du: Franco. Euskal kulturaren gainean bonba atomiko bat bota zuen. Hori da nik bizitzan ezagutu dudana: zure gelan batzuek euskaraz zekitela handik 40 urtera deskubritzea, eta halako mila. Ez bakarrik emakumeak. Unamumo, Baroja... Denok genekien haiek zein ziren, baina euskal literatura oso urruti geratzen zen. Emakumeen literatura frantsesez asko jarraitu izan dut nik, eta ikusi dut nola lotu duten haien aurrekoekin. Genealogia. Oso inportantea da ez ahaztea gauden momentuan gaudela beste batzuei esker. 3. Gaurkoa pentsaezina zen orain dela berrogei urte. Normaltasunerako bidea hartu dugu, bere on eta bere akatsekin, eta uste dut idazle emakumeak urrezko aroa bizitzen ari garela. Ziurrenik, gaur, Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox [1979] erreferente bat izango da askorentzat; hark erraztu du egun beste literatura klase bat ere egitea. Jon Urbe, Foku 1. Bigarren Mundu Gerla finitu ondoan, hogei bat urte berantago sortua naiz ni; Aljeriako gerla betean. Eta iruditzen zait Marijane Minaberri, Maddalen Jauregiberri, Maddi Ariztia... haien segidan sartua naizela ni. Egia erran, gehienbat Marijane Minaberri ezagutzen nuen, zeren eta gure etxean bazegoen haurrendako idatzi zuen liburu bat. Gero ezagutu ditut Hegoaldekoak. Beti kontsideratu izan ditut miresmen handi batekin. Ene belaunaldiko emazte idazleak ere bai, ez pentsa guretzat erraza zenik. Ene belaunaldikoak (Tere Irastortza, Laura Mintegi...) beste gerla batzuetakoak gara. Baina aurrekoentzat ia ezinezkoa zen gizonezko mundu horretan idazle gisa plazaratzea, eta epikotasun aire batekin ere kontsideratzen ditut. Ohoratu dut haien memoria. 2. Bistan da eten bat izan dela; inbisibilitatean izan dira. Marijane Minaberrik izengoitiarekin idazten zuen Herria-n, nehork ez zekien emazte bat izan zitekeenik. Eten horren betetzea orain egin behar da, eta, beharbada, ikuspegi orokor batetik berregin baita ere euskal literaturaren historia. Nire lanean, euskara mailan beharbada bada haien arrastorik. Badakit badirela hitz batzuk haienak, joera batzuk ere bai; laborantza mundukoak, jendarte baten deskripzioari lotuak... Eta idazten dudanean ene burua idazle gisa ahanztea, hori ere haiengandik daukat. 3. Aldaketa handia gertatu da. Liburu dendetan, euskarazko eskaintzan ikusten da erdia kasik emazte idazleen liburuak direla, eta, adin batzuetan, poesian, adibidez, idazle gehiago dira emakume. Nahiz eta maila sinbolikoan beti gizonezkoak diren idazle Euskal Herrian. Eskatzen bazaio norbaiti bost idazle ematea, gizonezkoen izenak etorriko zaizkio bururat. Orain iruditzen zait baita ere gure belaunaldikoak ahanzten ari garela: belaunaldi batetik bestera transmisiorik ez da egiten askotan, eta garrantzitsuena unean plazaratzen ari den belaunaldia da beti. Uste dut hor badugula arazo bat historiarekin, eta, bereziki, emazteen historiarekin. Eta, erran nezake, are gehiago Iparraldeko emazteen literatur abenturekin. Andoni Canellada, Foku 1. Hitz gutxitan, ezer ez. Ez nekien ezer. Ni idazten hasi nintzenean, ez nuen euskaraz argitaratu zuten aurreko emakumeen inolako berririk. Bazeudenik ere. Egia esan, apenas ezagutzen nuen ezer euskal literaturaz, agian hiru liburu nituen irakurriak. Nire erreferentziak Frantzian zeuden. Gerora bai ahalegindu naiz zerbait ezagutzen, eta gauza bat dute emakume horiek agian egungo gazteek izango ez dutena: batzuek oso berandu arte idatzi zutela. Beste kontu bat da zer balorazio egiten den haien lanaz, zer ekarri zuten. Baina jarraipen hori interesgarria egiten zait. 2. Nik uste dut esparru honetan gertatzen dela beste esparru askotan emakumeokin gertatzen den gauza bera: ez digute aurrekoa kontatu, eta asmatua zegoena berrasmatu behar izan dugu. Noski, niretzat euskal zerarik ikasketetan ez da egon. Orain gauzak oso ezberdinak dira, baina, nire kasuan, hori azpimarratzeko zerbait iruditzen zait. Uste dut ezjakintasunak babestu egin ninduela. Pentsatu izan banu lehena nintzela hau edo beste egiten, agian ez nintzateke ausartuko. Baina ez nekien, eta idaztea gauza arrunta iruditzen zitzaidan emakumeentzat, haien lanak gazteleraz irakurrita banituen ere ordura arte. Niretzat normala zen; beste gauza bat da gure testuinguru honetan ez zela normala, baina ni ez nintzen horretaz jabetu. Gauza dezenterekin gertatzen zait hori; nik, idaztean, iruditzen zaidana kontatzen dut, senak adierazten didana, ez dut kontuan izaten hori egin den edo ez den egin. Idaztean, beste itsasargi bat dago niretzat. 3. Oraindik kanona oso maskulinoa da, begi bistan da, baina bide onean gaude; nola hala atera gara kobazulotik, eta, orain, argi betean gaude. Nik jakin nahi nukeena da gaur hasten diren emakume askok iraungo ote duten ala ez. Ze idazteak ez dizu bizitzeko ematen, salbuespen bat edo bi kenduta; behar duzu lanbide bat bizitza aurrera eramateko, gero bizitza bera dago... Horrek idazteko denbora kentzen dizu, eta jakin nahi nuke zenbatek jarraituko duten. Baina, tira, kobazulotik atera gara, hori seguru. Uste dut oraindik gizonezkoek nahiago dutela gizonezkoak irakurri, eta emakumeok orojaleagoak garela alde horretatik. Epaimahai lanetan ikusi izan dut askotan esaten dela «hau seguru emakume batek idatzi duela», eta gero ez dela beti horrela izaten. Emakume guztiok ez dugu berdin idazten, ezta gizon guztiek ere. Bistakoa da. Baina gizonen kasuan onartuta dago, eta gure kasuan jende askok oraindik ere pentsatzen du emakume izateak idazkera jakin batera eramaten zaituela. Juan Carlos Ruiz, FOKU 1. Gu Francoren garaian egon ginen ikasle, eta euskal kultura, hizkuntza, den-dena gorrotatzen zen. Ez genuen inongo berririk gure herriaren kulturari eta berezitasunari buruz. Eskolatik kanpo, noski, familiak eman ahal zigun guztia hartu genuen, baina ezer gehiago ez. Hutsune handi bat sumatzen genuen; indar fisiko handiko kirolak, estropadak, dantzak... bai, baina idazleak, pintoreak, pentsalariak... ez. Uste ahal izan genuen ez zela halakorik egon gerraren aurretik. Egia da Lizardi ezagutzen genuela, Lauaxeta ere bai, baina hutsunea zegoen. Ezagutuz joan ginen idazleak gizonezkoak izan ziren; oso berandu jakin genuen emakumezkoak ere egon zirela. 2. Noski, etenaldi hori txirotasun bat izan zen guretzat. Ezin izan genuen jakin, batez ere, emakume haien bizipenez, sentimenduez eta hainbat gauzaz. Haien euskara ere aberatsa izango zen, aberatsagoa agian, eta hori dena galdu egin genuen. Etenaldia benetan tristea izan da guretzat. Hala ere, gerora haien bizitza ezagututa, ikusi dut jende oso katolikoa izan zela, eta horrek beharbada urrundu nau... Ez, urrundu ez nuke esango, baina guk ikuspuntu diferentea genuen, hori bai. 3. Pauso asko falta diren arren, asko egin da. Euskal emakume idazleak bere presentzia du euskal literaturaren barruan, eta hori lorpen handia izan da. Espero dut hurrengo belaunaldiek ez dutela izango halako etenaldirik aurrekoekin. Azpimarratu nahi nukeen beste puntu bat Milia Lasturkoa eta Erdi Aroko andreena da. Pena handia da garai hartako emakumeak ondo ez ezagutzea. Irakurriak ditut, baina oso arin. Eta garai hori erabat interesgarria egiten zait. Nahiko borrokalariak ziren, eta ez dut uste behar bezala sakondu denik haien inguruan.
2023-8-9
https://www.berria.eus/albisteak/231617/bahitze-saiakera-bat-salatu-du-itsasuko-17-urteko-neska-batek.htm
Gizartea
Bahitze saiakera bat salatu du Itsasuko 17 urteko neska batek
Agorrilaren 5eko bahitze saiakeraren ondotik, biktimak salaketa pausatu du. Baionako polizia etxeak inkesta ireki du, eta Itaia mugimenduak eta Femin'hitza taldeak elkarretaratzera deitu dute bahitze saiakera salatzeko eta biktima sostengatzeko.
Bahitze saiakera bat salatu du Itsasuko 17 urteko neska batek. Agorrilaren 5eko bahitze saiakeraren ondotik, biktimak salaketa pausatu du. Baionako polizia etxeak inkesta ireki du, eta Itaia mugimenduak eta Femin'hitza taldeak elkarretaratzera deitu dute bahitze saiakera salatzeko eta biktima sostengatzeko.
Bahitze saiakera bat salatu du 17 urteko neska batek Itsasun (Lapurdi). Agorrilaren 5ean oinez lanera zihoala, furgoneta bat hurbildu zitzaion, eta bi ezezagun mintzatzera joan zitzaizkion. Hain zuzen ere, lokalizazioari buruzko galdera bat egiten zioten bitartean, furgonetara igotzea eskatu zioten. Biktimak ezezkoa emanik, bi gizon atera ziren furgonetatik, eta neska bahitzen saiatu ziren. Biktimak salaketa eman ondotik, Baionako polizia etxeak inkesta ireki du. Bestalde, Itaia emakumeen mugimendu sozialistak eta Femin'hitza Itsasuko talde feministak bahitze saiakera salatzeko elkarretaratzera deitu dute 19:00etarako, Itsasuko plazan.
2023-8-9
https://www.berria.eus/albisteak/231618/eh-bilduk-uste-du-txibiteren-inbestidurak-balio-dezakeela-aurrera-egiten-jarraitzeko.htm
Politika
EH Bilduk uste du Txibiteren inbestidurak balio dezakeela «aurrera egiten jarraitzeko»
Gaur goizean batu dira EH Bildurekin PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa beren gobernu osaketarako akordioa azaltzeko.
EH Bilduk uste du Txibiteren inbestidurak balio dezakeela «aurrera egiten jarraitzeko». Gaur goizean batu dira EH Bildurekin PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa beren gobernu osaketarako akordioa azaltzeko.
Gaur batu dira Nafarroako Gobernurako akordioa sinatu duten hiru taldeak EH Bildurekin. Bileran itunaren nondik norakoak azaldu dizkiote koalizio subiranistari. Bertan, Laura Aznal EH Bilduko Nafarroako eledunak jakinarazi du «pozez» hartu dutela akordioaren albistea. Adierazi du akordioa aztertzeko eta baloratzeko denbora gehiago beharko dutela. Bestalde, esan du itunean parte hartu ez dutenez, ez direla sentitzen hari «lotuta». Halere, akordioa ontzat jo du: «Inbestidura izan liteke aurrera egiten jarraitzeko lau urteko bide baten hasiera». Eta koalizio subiranistaren lehentasunak gogorarazi ditu: «Betiko legez, gure asmoak dira eskubideak zabaltzen jarraitzea, zerbitzu publikoak indartzea eta autogobernua sendotzea». EH Bilduk negoziazioan izan duen jarrera ere azaldu du; zergatik hasieran baiezkoaren alde egiteko prest agertu ziren, eta orain abstentzioaren alde: «Txibiteren inbestiduran baiezkoa bozkatzeko prest geundela publikoki esan genuenean negoziazioak desblokeatzea zen gure asmoa. Asmatu genuela uste dut». Adierazi duenez, oraintxe, negoziazioak «geldirik» zeudela uste zuten. Horregatik, baiezko botoa emateko prest zeudela esatea «arduraz jokatzea» izan zela dio: «Printzipio kontua zen, hauteskundeak berriro egitea edo eskuina joko zelaian sartzea ekiditeko». Gaurko bilera 09:00etan hasi dute, eta bertan izan dira, Aznalez gain, EH Bilduko Adolfo Araiz eta Miren Zabaleta. Beste hiru alderdietatik, berriz, hauek hartu dute parte: PSNtik Ramon Alzorrizek eta Jorge Agirrek; Geroa Baitik Maria Solanak, Pablo Azkonak zein Mikel Asiainek; eta Zurekin Nafarroatik Begoña Alfarok eta Carlos Guzmanek. Lankidetzan azpimarra Alzorrizek jakinarazi du PSNk asmoa duela EH Bildurekin legegintzaldi honetan lortutako akordioetan «sakontzen» jarraitzeko: «Gure lehentasunek eta eurenek bat egin dezakete». Geroa Baiko Azkonak azpimarratu du «indar aurrerakoiek» elkarlanean jarduteak duela garrantzia. Eta Zurekin Nafarroako Alfarok ere lankidetzaren alde egin du: «EH Bildu hirugarren indarra da, eta beharrezkoak dira; ez soilik inbestidurarako, baita datozen laur urteetan lankidetzan jarraitzeko ere». Bestalde, EH Bilduko militantzia gauerditik ari da erabakitzen Maria Txibiteren inbestiduran abstentzioaren alde egingo duen. Behin negoziazioak desblokeatuta, aukera horren alde egin du koalizioak. Orain, militanteek dute hitza. Bihar arteko epea dute galdeketa erantzuteko, eta bihar bertan jakinaraziko dituzte emaitzak.
2023-8-9
https://www.berria.eus/albisteak/231619/gasteizko-jaiak-hasi-zirenetik-bost-gizon-atxilotu-dituzte-indarkeria-matxistagatik.htm
Gizartea
Gasteizko jaiak hasi zirenetik bost gizon atxilotu dituzte indarkeria matxistagatik
Bart 43 urteko gizonezko bat atxilotu du Udaltzaingoak, bikotekidea jotzeagatik.
Gasteizko jaiak hasi zirenetik bost gizon atxilotu dituzte indarkeria matxistagatik. Bart 43 urteko gizonezko bat atxilotu du Udaltzaingoak, bikotekidea jotzeagatik.
Gasteizko Udaltzaingoak 43 urteko gizonezko bat atxilotu du bart, Salburua auzoan. Bikotekidea jotzea egotzi diote. Poliziak 01:00 aldera jaso du abisua; liskar bat izan dute gizonak eta emakumeak, eta gizonak emakumea jo du. Biekin hitz egin ostean, udaltzainek gizonezkoa atxilotu dute indarkeria matxistagatik. Gaurkoa Gasteizko jaiak hasi zirenetik indarkeria matxista egotzita atxilotu duten bosgarren laguna izan da. Mugimendu feministak elkarretaratzea egin zuen atzo eraso horiek gaitzesteko. Ikusi gehiago: Gizon bat atxilotu dute Gasteizen, adingabe bati sexu erasoa egitea egotzita
2023-8-9
https://www.berria.eus/albisteak/231620/amaia-goirigolzarri-abokatu-eta-ekintzailea-hil-da.htm
Politika
Amaia Goirigolzarri abokatu eta ekintzailea hil da
Sare Herritarreko eta Erabakizaleak taldeko kidea zen, eta osasun sistema publikoa indartzeko ekinbideetan aritua.
Amaia Goirigolzarri abokatu eta ekintzailea hil da. Sare Herritarreko eta Erabakizaleak taldeko kidea zen, eta osasun sistema publikoa indartzeko ekinbideetan aritua.
Amaia Goirigolzarri abokatu eta Sare Herritarreko kidea hil da, plataformak jakinarazi duenez. Sarkoma antzeman zioten 2016an, eta, ordutik, gaixotasuna ikusarazteko eta osasun sistema publikoan tratamendu egokiak ezartzea eskatzeko egitasmoetan aritu da. «Euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen alde lanean aritu den emakumea» zela azaldu du Sare Herritarrak, sare sozialen bidez zabaldutako mezuan. Besteak beste, 2021eko urtarrilean eginiko mobilizazioetako mezu nagusia irakurtzeaz arduratu zen, Iñaki Goirizelaia EHUko errektore ohiarekin batera. Goirigolzarri, baina, presente izan zen bestelako aldarrikapenetan ere, lehen lerroan. Erabakitzeko eskubidearen aldeko Erabakizaleak taldeko kide ere bazen. Talde hark, besteak beste, adierazi zuen euskal herritarrei dagokiela «euren etorkizunari buruz erabakitzeko eskubidea», eta Kataluniako prozesu independentista bultzatu zuten buruzagi katalanak «berehala» aske uzteko eskatu zuen, haiek behin-behinean espetxeratu zituztenean. Era berean, Espainiako Auzitegi Gorenak Bateragune auzia berriro egitearen alde egitea salatu zuen 2020an, Euskal Herriko eta Kataluniako beste hainbat juristarekin batera. Bera arduratu zen manifestua aurkezteaz, Arantza Isasmendi abokatuarekin batera. Goirigolzarriri zenbait metastasi antzeman zizkioten biriketan, 2020an, eta bi ebakuntza egin zizkioten. Orduan, kasua Osakidetzatik Bartzelonako Vall d’Hebron ospitalera bideratzeko eskatu zuen, alternatiba bila; Basurtuko ospitalean (Bizkaia) antzeman ez zioten metastasi bat detektatu zioten han. Ordutik, osasun sistema publikoak bere kasuan izandako jarrera salatu zuen, eta tratamendu egokiak bermatzeko urratsak egiteko eskatu.
2023-8-9
https://www.berria.eus/albisteak/231621/oihana-babesteko-konpromisoa-hartu-dute-amazoniako-estatuek.htm
Mundua
Oihana babesteko konpromisoa hartu dute Amazoniako estatuek
Brasilen bildutako estatuburuek ez dute lortu basogabetzearen eta petrolio ustiaketen aurkako neurri zehatzik adostea. Epe motzerako helbururik eza salatu dute talde ekologistek.
Oihana babesteko konpromisoa hartu dute Amazoniako estatuek. Brasilen bildutako estatuburuek ez dute lortu basogabetzearen eta petrolio ustiaketen aurkako neurri zehatzik adostea. Epe motzerako helbururik eza salatu dute talde ekologistek.
Amazonia babestea helburu duen hitzarmena sinatu zuten atzo Boliviak, Brasilek, Kolonbiak, Ekuadorrek, Guyanak, Peruk, Surinamek eta Venezuelak. Belemgo Adierazpenaren helburua litzateke basogabetzea geldiaraztea, oihana «atzera bueltarik gabeko puntura» hel ez dadin. Alde horretatik, idatziak dei egiten die garapen bidean dauden beste hainbat herrialderi euren esku dagoena egin dezaten Amazonia babesteko, ardura hori bertan bizi direnen gain soilik gera ez dadin. Horretarako, 91.300 milioi euroko inbertsioa egin beharko lukete urtero klima larrialdiaren aurkako neurrietan. Hitzartutako agenda horretan, baina, ez da neurri zehatzik jasotzen, eta hori da talde ekologistek salatu dutena. «Oinarrizko akordio bat da, baina ez du irtenbiderik proposatzen egun dugun testuingurua onbideratzeko. Ez dute epe motzerako helbururik zehaztu», kritikatu du Marcio Astrinik, Klimaren Behatokiko kideak —Brasilgo 70 talde ekologista biltzen ditu erakundeak—. «Ez da onargarria halako adierazpen batean Amazoniako zortzi estatuak gai ez izatea aitortzeko basogabetzeak amaitu behar duela eta ez dela ideia ona oihanaren erdian petrolioa ustiatzea». 10.000 karaktere inguruko testuak nabarmentzen du estatuek garapen jasangarria sustatu behar dutela, basogabetzea gelditu eta hartaz baliatzen diren legez kanpoko taldeen aurkako neurriak hartu. Aldiz, akordiotik at geratu dira beste hainbat helburu zehatz, hain zuzen ere, talde ekologista eta indigenen aldarrikapen nagusiak zirenak; besteak beste, legez kanpoko basogabetzea amaitzea 2030erako —Brasilek eta Kolonbiak soilik egin zuten bat puntu horrekin—. Hala, estatu bakoitzak zehaztuko ditu bere helburuak. Iaz 20.000 kilometro koadro oihan suntsitu ziren Amazonian, 2021ean baino %21 gehiago. Petrolio ustiaketak geldiaraztearena zen herri indigenen beste eskaeretako bat, eta horren alde egin zuen Kolonbiako presidente Gustavo Petrok, eta ezkerreko zenbait buruzagiren «negazionismoa» salatu zuen, ingurumena babesteko neurriak aldarrikatu arren, erregai fosilak ustiatzen jarraitzen dutelako. Brasil eta Ekuador dira herrialde horietako bi: Amazonas ibaiaren bokalean petrolioa ustiatzeko proiektu bat aztertzen ari da lehena, eta oihanean petrolioa ustiatzen du bigarrenak. Horiek ez dira bakarrak, ordea, putzu handiak dituzte Surinamek eta Guyanak ere. Narkotrafikoa Amazonia droga trafikorako pasabide gisa erabiltzen duten sareen aurkako neurriak ere jaso dituzte idatzian. Zehazki egoitza Manaosen (Brasil) izango duen Nazioarteko Polizia Elkarlanerako Gunea sortzea adostu zuten. Haren ardura litzateke «legez kanpoko ekintzen inguruko informazioa partekatzea eta horiek ikertzea». Peruko presidente Dina Boluarte izan zen segurtasun talde baten sorrera babestu zutenetako bat. Haren esanetan, «beharrezkoa da» ingurumen delituak geldiarazteko «aliantza sendo eta argi bat» osatzea. Urrats bat gehiago egiteko eskatu zuen Petrok, eta proposatu zuen «ingurrumen gaietarako nazioarteko auzitegi bat» sortzea, baita NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen gisako instituzio bat ere Amazoniarako, «legez kanpoko ustiaketak armen bidez borrokatzeko». Kolonbiako estatuburuak ohartarazi zuen gizateria «desagertzear» dagoela eta orain dela unea «erabaki garrantzitsuak» hartzeko: «Zer egiten ari gara hitzaldiak emateaz gain?». Amazoniako beste arazo nagusietako bat da meatzaritza ere, baina adierazpenak ez du horren inguruko neurririk jaso. Aldiz, estatuek ebatzi dute gobernu bakoitzak hartu beharko dituela horren aurkako neurriak bere kabuz, helburu bateraturik finkatu gabe. Gaur amaituko da goi bilera, eta azken orduetan Amazoniako estatuak oihan handien eremuan bizi diren beste hainbat herrialderekin bilduko dira hitzarmenaren berri emateko. Elkarrizketetan parte hartuko duten herrialdeen artean daude Kongoko Errrepublika Demokratikoa, Kongoko Errepublika eta Indonesia. Amazoniako oihanaren %17 suntsitu dute azken urteetan, eta zientzialariek ohartarazi dute «heltzear» atzera bueltarik gabeko unea. Amazonian kokatzen da munduko biodibertsitatearen %10 inguru, eta 50 milioi lagun inguru bizi dira bertan. Horrez gain, karbono dioxidoa xurgatu eta tenperaturen gorakada moteltzeko tresna garrantzitsua ere bada oihana. Zientzialarien esanetan, neurriak hartu ezean Amazoniako zuhaitzak «hil» egingo dira, eta berotegi gasak xurgatzeari utziko diote, eta klima larrialdiaren ondorioak azkartu egingo dira.
2023-8-9
https://www.berria.eus/albisteak/231622/41-migratzaile-hil-dira-italiako-lampedusa-irlara-iritsi-nahian.htm
Mundua
41 migratzaile hil dira Italiako Lampedusa irlara iritsi nahian
Itsasontzian 45 migratzaile zihoazen, tartean hiru ume. Libiak salatu du Tunisiatik kanporatutako 27 migratzaile hilik topatu dituela basamortuan.
41 migratzaile hil dira Italiako Lampedusa irlara iritsi nahian. Itsasontzian 45 migratzaile zihoazen, tartean hiru ume. Libiak salatu du Tunisiatik kanporatutako 27 migratzaile hilik topatu dituela basamortuan.
Italiako Lampedusa irlaren parean 41 migratzaile hil dira, naufragio batean. 45 migratzaile abiatu ziren Tunisiako Sfax hiriko portutik; horietatik hiru, umeak. Lauk bakarrik iraun dute bizirik, eta Lampedusa irlara eraman dituzte. Gaurkoa ez da izan gertatutako lehen ezbeharra. Itsasontzia joan den astelehenean itsasoratu zen. Atera eta sei ordura, gauean, olatu handi batek ontzia jo, eta 45 pertsona uretara erori ziren. Corriere della Sera Italiako egunkariak jakinarazi duenez, ontzian zihoazenetatik hamabostek zeramaten salbamendu jaka, baina gehienek ez zuten bizirik iraun. Migratzaileek bi egun igaro dituzte uretan, erreskate zerbitzuak iritsi ziren arte. Bizirik dauden laurak Boli Kostakoak eta Gineako Konakry hirikoak dira, hiru gizon eta emakume bat. Rimona ontziak salbatu ditu, eta Italiako kostazainen ontzi batek eraman ditu Lampedusara. Laurak shockean daude, baina medikuen eta psikologoen laguntza jasotzen ari dira, autoritateek adierazi dutenez. Italiako Gobernuak abian jarri du beste migratzaileak bilatzeko operazioa. Oraingoz ez dute ezer aurkitu. Larunbatean, beste bi naufragio izan ziren Lampedusa parean: 34 pertsona hil ziren, baina, denboralearen ondorioz, hiru gorpu bakarrik aurkitu zituzten. Astelehenean, berriz, Tunisiako kostazainek hamaika gorpu aurkitu zituzten, igandean izandako naufragio batekoak. Italiako kostazainek eta gobernuz kanpoko hainbat erakundek Lampedusara zihoazen 2.000 pertsona salbatu dituzte azken egunetan. Giorgia Meloni Italiako lehen ministroak immigrazioaren aurkako politikak ezarri dituen arren, laguntza eskatu dio Open Arms GKEari, Italiako erreskate zerbitzuak gainezka daudelako. «Argi dago Italiako kostazainak ezin direla iritsi uretan arriskuan dauden milaka pertsonengana», adierazi du Open Armsek ohar baten bidez. GKEak 264 pertsona salbatu ditu zazpi esku hartzetan, baina esan du «noraezean dauden eta laguntza behar duten ontzi asko» daudela oraindik. «Egoera geroz eta kritikoagoa da». Italiako Barne ministroak emandako datuen arabera, aurten 93.700 pertsona iritsi dira Italiako kostaldera. 2022an, berriz, 44.700 pertsona iritsi ziren itsasotik: erdiak baino gutxiago. Sfax hiritik Lampedusara 130 kilometro baino ez daude, eta Tunisiako agintariek baieztatu dute Sfaxeko portua dela Europara heldu nahi duten migratzaileen abiapuntuetako bat. Hori dela eta, Mediterraneo erdigunean gehien erabiltzen diren itsasbideetako bat bihurtu da, baita hilgarrienetako bat ere. Aurten, 1.800 pertsona hil dira itsasbide horretan, Nazioarteko Migrazio Erakundearen esanetan. Gainera, hainbeste migratzaile iristeak bestelako arazoak ere sortzen ditu. Lampedusan dagoen harrera zentroa 300 pertsonarentzat da, baina, orain, 1.500 pertsona bizi dira han. Kanporatzeak Itsasoa ez ezik, basamortua ere hilobi bilakatu da azken asteetan askorentzat. Libiak salatu duenez, Tunisiak egunero 150 lagun kanporatzen ditu herrialdetik batez beste, eta basamortuan abandonatu urik eta babesik gabe. Ondorioz, asko ez dira gai bizirik irauteko. Atzo bertan, Libiako mugazainek salatu zuten 27 migratzaile hilik topatu zituztela basamortuan. Egunotan 40 gradutik gorako tenperaturak dituzte eremu hartan, eta, herrialdetik kanporatutako zenbait lagunek salatu dutenez, hainbat egunez urik eta jatekorik gabe oinez ibiltzera derrigortzen dituzte segurtasun indarrek, mugaz bestaldera heltzen diren arte. Tunisiako Barne Ministerioak ukatu du migratzaileak kanporatzen dituela, eta Kais Saied presidenteak esan du salaketek «herrialdeari sinesgarritasuna kentzea» dutela helburu.
2023-8-9
https://www.berria.eus/albisteak/231623/baterien-zelulak-muntatzeko-lantegia-ez-da-landabenen-egongo.htm
Ekonomia
Baterien zelulak muntatzeko lantegia ez da Landabenen egongo
Hyundai Mobisek iragarri du «neurri handiko kontratu bat» itxi duela VWekin. Lantegia Imarkoainen da jartzekoa, Garraioaren Hirian.
Baterien zelulak muntatzeko lantegia ez da Landabenen egongo. Hyundai Mobisek iragarri du «neurri handiko kontratu bat» itxi duela VWekin. Lantegia Imarkoainen da jartzekoa, Garraioaren Hirian.
Iragarpen ofiziala baizik ez da falta, baina hurrengo egunotan da iristekoa: Hyundairen Mobis filialak autoentzako bateriak muntatzeko lantegia irekiko du Nafarroan, Garraioaren Hirian (Imarkoain, Elortzibar, Nafarroa). Lantegia ez da Volkswagenek Landabenen duen plantan kokatuko, Alemaniako multinazionalak ebatzi baitu merkeago aterako zaiola muntatzea azpikontratatzea, bere fabrikan bertan egitea baino. «Ez dakigu ezer», aitortu dio BERRIAri Igor Peñalver VWeko ELAko ordezkariak. Hark Diario de Noticias egunkariaren bitartez jakin du berria, eta azaldu du enpresako arduradunek ez dietela ezer baieztatu. Fabrikaren kokapena zehaztu gabe, baina lantegia irekiko duela onartu du Hyundai Mobisek. Agentziei gaur igorritako agiri batean, auto osagaien Hego Koreako egileak iragarri du «neurri handiko kontratu bat» lortu duela atzerrian, Volkswagen AGrekin. Mobisek ziurtatu duenez, Alemaniako multinazionalak «onartu egin du auto elektrikoen osagaietan Mobisek duen abantaila». Fabrika berria «Espainiako auto lantegi batetik gertu» egongo dela azaldu du. Baldintza horrekin, Iruñean baizik ezin da izan, VW taldearen beste lantegia Martorellen baitago (Katalunia), baina, horretan, enpresak erabaki du bateriak muntatzeko tailerra fabrikaren barruan jartzea. Hilabete batzuk baziren VW Hyundai Mobisen alde lerratuko zela zabaldu zela. Kostuak aipatu ziren orduan. VWeko zuzendaritzak Landabeneko langileen ordezkariei baieztatu zien ez zegoela dirurik inbertsio osoa bere gain hartzeko, eta horregatik hartu zuela indarra azpikontratazioaren aukerak. Enplegua Bada beste faktore bat ere: enpleguari eustea. «Inbertsioak langile galera handiko lekuetan bilduko zituztela esan ziguten. Polonian, esaterako, motor fabrikak dituzte, eta horietan lanpostu asko galduko dira; guri, berriz, esan digute ez dugula galera handirik izango», azaldu du Peñalverrek. Autogilearen asmoa da 2024an hastea Landaben auto elektrikoen ekoizpenera egokitzeko lanak. Ibilgailuen ekoizpena —VW markako bat eta Skoda bat— 2026ko bigarren erdian edo 2027ko hasieran hastea da asmoa. Baterien zelulak Valentzian egingo ditu VWek, Sagunt hirian irekiko duen gigafaktorian. Handik Nafarroara eramango dituzte, Imarkoainen muntatu, eta gero eraman Landabenera. Hamar kilometro eskas daude lantegi batetik bestera, eta piezen garraioa kamioien bidez egin beharko dute. VWek aztertu zuen beste aukera zen Martorellen biltzea muntatze osoa, baina horrek esan nahiko luke osatutako bateriek 400 kilometro egin beharko lituzketela handik Iruñera. Muntaketa Iruñeko lantegian bertan egitea nahiago zuten VWeko sindikatuek, baina, hala ere, Peñalverrek nabarmendu du «Nafarroarentzat berri ona» dela lurraldean bertan jartzea. Inbertsioa 200 milioi eurorena izango dela dio Noticias de Navarra-k, eta printzipioz 200 langile kontratatuko dituztela.
2023-8-9
https://www.berria.eus/albisteak/231624/txibite-aurkeztuko-da-inbestidurarako.htm
Politika
Txibite aurkeztuko da inbestidurarako
Bihar bilduko da Parlamentuko Mahai eta Eledunen Batzordea egutegia aztertzeko, eta Unai Hualdek proposatuko du asteburuan egitea saioa
Txibite aurkeztuko da inbestidurarako. Bihar bilduko da Parlamentuko Mahai eta Eledunen Batzordea egutegia aztertzeko, eta Unai Hualdek proposatuko du asteburuan egitea saioa
Behin akordioa gauzatuta, Maria Txibite PSNko lehendakarigaiak pauso bat aurrera eman du. «Hauteskundeetarako aurkeztu nintzenean herritarrei emandako hitza bete dut horrela. Esan nuen gobernu aurrerakoi bat gidatzeko konpromisoa hartuko nuela, eta, maiatzeko bozen emaitzen ondotik, inbestidurara aurkezteko asmoa azaldu nuen», azaldu du gaur goizean, Unai Hualde parlamentuko presidentearekin bildu ostean. Parlamentuko Araudiak markatutako tramitea bete da modu horretan. Hualdek berak zuzenean parte hartu zuen negoziazioetan; nondik norakoak gertutik ezagutzen zituen, eta, gainera, akordioaren aurkezpenean izan zen atzo. Dena den, formalki, instituzioak eskatzen duen protokoloari jarraituz, Txibitek deitu egin zion atzoko prentsaurrekoaren ondotik, eta gaurko deitu zuen Hualdek taldeetako eledunekin egin beharreko bilera sortara. Goizean, ordezkaritza txikienetik handienera, talde bakoitzeko bozeramaileekin batzartu da banan-banan Hualde, eta modu horretan egiaztatu ahal izan du Txibitek gehiengo soila lortzeko nahikoa babes baduela. Haatik, ez du guztiz ziurtatua. Bihar emango da da EH BIlduren militanteen erabakiaren berri, eta, bileran, Laura Aznalek azaldu dio Hualderi EH Bilduko mahai politikoak abstentzioaren aukera proposatu duela. Emaitza erabakigarri horren berri jakiteko zain, inbestiduraren makineria aktibatu egin da. Unai Hualdek Txibite proposatu du inbestidurarako hautagai gisa, eta hark onartu egin du. Orain, zera falta da: jakitea noiz izango den saioa. Mundu guztia egutegiari begira dago. Parlamentuko Araudiko 173. artikuluak zehaztutakoaren arabera, «proposatutako hautagaiaren inbestidura bilkurarako deia hiru egun lehenagotik egin beharko da gutxienez». Horrek esan nahiko luke astelehenetik aurrera egin beharko litzatekeela Txibite presidente izendatzeko bi eguneko osoko bilkura berezia, baina epeak azkartu nahi dituzte. Bihar bilduko da Parlamentuko Mahai eta Eledunen Batzordea, eta, bilera horretan, Hualdek planteatuko du larunbatean eta igandean egitea saioa. «Lehenik, eledunek esan beharrekoa entzungo da, eta, ondoren, eztabaida noiz egin hitzartuko da». Txibitek gobernu programa aurkezteko hitzaldia egingo du; taldeek proposamenari erantzun, eta lehen bozketa egingo da lehen egunean. Horretarako eguna larunbata izatea proposatuko du Hualdek, beraz. Lehen egunean, Txibitek gehiengo osoa beharko luke, baina, EH Bilduk ez dionez baiezkorik emango, lehen bozketa egiten den ordutik 24 ordura egin beharko da bigarrena. Aski zaio gehiengo soila eskuratzea; hots, ezezko baino baiezko gehiago lortu beharko ditu presidente izendatzeko. Hautagaia proposatu eta hiru egun baino lehen, asteburuan inbestidura saioa egiteko aukera dago, zerbitzu juridikoen arabera. Hualderen arabera, parlamentuko presidenteak ahalmena du horretarako, «epeak arintzeko». Haren hitzetan, Parlamentuko Mahaiak eta presidenteak berak eskumena dute hiru eguneko legezko epe hori laburtzeko. Biharko bileran argudiatuko da «tartea» utzi behar dela, Txibiteren inbestidurak kale eginez gero «beste inbestidura proposamenak egiteko abuztuaren 28a baino lehen». Horretarako gogorarazi du beste edozein hautagai abuztuaren 22a baino lehen proposatu beharko litzatekeela, eta Txibiterena hurrengo asterako utzita oso tarte estua geratuko litzatekeela. UPN ez dago ados, eta baliteke talka egotea biharko saioan. «Orain, ematen du presa dutela. Arauak zehazten du Parlamentuko Mahaiak hautagaia erabakitzen denetik 72 ordu iragan behar direla, eta ematen du hori ez dela beteko. Gobernu honek eta parlamentu honek nahi duena egiten jarraitzen dute. Arauak nahieran aldatzen dituzte, eta hori egiten dute oporretara joateko. Ez nafarren interesen mesedetan. Hala balitz, lehenago egingo zuten, baina orain oporretara joan nahi dute». UPNk aurreratu du biharko bilkuran kontrako posizioa hartuko dutela, «premiarik ez dagoelako eta abuztuaren 28ko epemugarako denbora sobera dagoelako inbestidura egiteko». Ondorioz, ikusiko da bihar nola konpontzen den auzia, baina Esparzak ohartarazi du gaia serio hartzen dutela, eta zerbitzu juridikoen txosten bat egin beharko dela erabaki hori hartzeko. «Gai hau ez dugu txantxetan hartzen. Gai garrantzitsua da. Epeak errespetatu behar dira. Haiek uztailaren 23ra arte itxaron zuten bezala, itzulinguruak eta antzerkiak eginez, orain epeak direnak dira. Ezin badira oporretara joan, ezin dira joan. Ez da ezer gertatzen». Hualderen arabera, Esparzak berekin izandako bileran ez du zalantzan jarri nahikoa sostengu juridiko ba ote dagoen epea laburtzeko. Edozein kasutan, bihar erabakiko da, presidentearen erabakiz eta mahaiak hitzartuta.
2023-8-9
https://www.berria.eus/albisteak/231625/zangoza-kaleko-zuhaitzen-inguruko-porlana-kentzen-hasi-dira.htm
Gizartea
Zangoza kaleko zuhaitzen inguruko porlana kentzen hasi dira
Aparkalekuaren kontrako plataformak elkarretaratzera deitu du biharko. 20:00etan izanen da, Iruñeko Gurutzeko plazan.
Zangoza kaleko zuhaitzen inguruko porlana kentzen hasi dira. Aparkalekuaren kontrako plataformak elkarretaratzera deitu du biharko. 20:00etan izanen da, Iruñeko Gurutzeko plazan.
«Honek ez dauka zentzurik; denetarik egiten ari gara, baina ez ditugu geldiarazten», esan du Iruñeko Zabalguneko bizilagun batek. «Borrokatzen jarraitu behar dugu», esan dio beste batek. Kamioi zulatzailearen hotsa entzun, eta korrika eta haserre joan dira Iruñeko Zabalguneko bizilagunak Zangoza kalera. Iruñeko Udalak Zangoza kaleko aparkalekua egiteko lanekin jarraitzen du, eta zenbait zuhaitzen porlana kentzen hasia da. Aparkalekuaren kontrako plataformak elkarretaratze bat eginen du bihar, 20:00etan, Iruñeko Gurutzeko plazan. Aparkalekua egiteko 46 zuhaitz kenduko dituzte, haietatik 33 moztu, eta beste 13 berriz landatuko dituzte. Oraingoz, berriz landatu nahi dituzten zuhaitzak kendu aurreko lanak egiten ari dira. «Uste dugu zuhaitzak ez dituztela berriz landatuko: ez denez sasoi ona, ez dute bizirik iraunen», salatu du Javier Baiona aparkalekuaren kontrako plataformako kideak. Plataformako kideak esan du lanek 22 hilabete iraunen dutenez kalte eginen dietela bizilagunei, hala nola merkatariei eta Gurutze Plaza BHI institutuko ikasleei. Mila ikasle inguru daude, eta horietatik laurehun inguruk Arrosadia auzoan dagoen eraikin batera joan beharko dute 2023-2024ko ikasturtean. «Zarata, dardarak, denetarik sufrituko dute», azaldu du Baionak. Gainera, eraikina «segurua» izateko obrak egin beharko dituzte: «Lan hauek egiteko ez dute deus komunikatu, eta ez dute proiekturik aurkeztu». Beste bide batzuk Abuztuaren 4an, EH Bilduk, PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak helegite bat aurkeztu zuten lanak geldiarazteko. Baina UPNk aurrera egin du proiektuarekin. EH Bilduk berriz eskatu dio lanak gelditzeko eta beste aukera batzuk adosteko. Lau arrazoi eman ditu: babes sozial, komertzial eta politikorik «txikiena» ere ez edukitzea; argitu gabe dauden «irregulartasun larriak» izatea; eskatzaileen zerrenda eskainitako aparkalekuen erdira ez iristea, eta ingurumenari kalteak eragitea.
2023-8-13
https://www.berria.eus/albisteak/231626/legeak-bereizita-euskarak-batuta.htm
Gizartea
LEGEAK BEREIZITA, EUSKARAK BATUTA
Euskararen Foru Legea indarrean jarri zen garaian jaio ziren, eta harekin hazi eta hezi dira gaur arte. Horrenbestez, bizilekuaren arabera, ez dituzte eskubide berak izan herrialde berean. Ezinbestekotzat dute euskara ofizialtzea Nafarroa osoan, eta euskara gerturatzea herritar denei.
LEGEAK BEREIZITA, EUSKARAK BATUTA. Euskararen Foru Legea indarrean jarri zen garaian jaio ziren, eta harekin hazi eta hezi dira gaur arte. Horrenbestez, bizilekuaren arabera, ez dituzte eskubide berak izan herrialde berean. Ezinbestekotzat dute euskara ofizialtzea Nafarroa osoan, eta euskara gerturatzea herritar denei.
Datuek frogatzen dute zonifikazioak galgatu duela euskararen garapena»; «Euskara nafar guztiena dela aldarrikatu dute»; «Euskara lurralde osoan ofizial izatea proposatu dute». Uda hasieran berripaper honetan argitara emaniko hiru lerroburu horiek agerian uzten dute Nafarroako zonifikazioaren auzia lehen mailako afera dela oraindik, 1986. urtean indarrean jarri eta ia 40 urte geroago. Datu, aldarrikapen eta proposamen horien atzean zer bizi esperientzia dauden jakiteko elkartu ditu BERRIAk Eusko Ikaskuntzaren Iruñeko bulegoetan Euskararen Foru Legeak hiru eremu linguistikotan bereizi dituen hiru nafar euskaldun. Noiz eta nola jabetu zineten Euskararen Foru Legeaz, eta hark zekarren bereizketaz? SAIOA CRESPO: Nik gogoratzen dut momentu bat, DBHn ikasten arin nintzela Tuteran, legearen sortze datak eman zidala atentzioa: 1986. Gogoratzen dut asko harritu ninduela hain berria izatea niretzat arkaikoa zen lege bat. Hau da, halako lege bat, euskaldunen eskubideak urratzen dituen lege bat, 1980ko hamarraldiaren amaierakoa izatea. AMAIA NAUSIA: Nire aitaren herria, Morentin, Lizarraldean dago, eta umetan uda osoak han pasatzen genituen. Orduan ja ohartzen nintzen haientzat euskaldunak ginela ia-ia estralurtarrak. Ez zegoen nire adineko haur euskaldunik; kanpokoak ginen euskaldun guztiak. Oso umetatik ikusten nuen desberdintasun hori, eta nola bertako haurrek ez zuten euskaraz ikasteko aukerarik ere. Gainera, oso politizatua zegoen guztia: euskaldun izateagatik etarra deitzen ziguten. Nik Iruñeko San Fermin ikastolan ikasi nuen, eta nire ingurua euskalduna zen, baina nerabezaroan saskibaloian hasi nintzen, Larraonako ikastetxean. Eta nire auzoan bertan egon arren, hor beste Iruñea ezagutu nuen; Pamplona. Bi Nafarroa, bi Iruñea zeudela argi ikusten genuen, eta leku batzuetan ez zegoela aukerarik euskararekin kontakturik izateko. Zuk, Julio, bizi izan duzu arrotz sentitze hori? JULIO SOTO: Nire kasua pixka bat berezia da. Ni Iruñean sortua naiz, nire ama euskalduna da, Gorritikoa. Aita, berriz, Lizarraldeko herri txiki batekoa dut, Irurrekoa, eta ez daki euskaraz. Badaramatzat ia bost urte erabat Gorritin bizitzen, baina ordura arte asteburu batzuk Gorritin ematen genituen, eta beste batzuk Irurren, eta astez Iruñean egoten ginen. Halako lege bat zegoen kontzientzia nerabezaroan izango nuen nik, bertso munduan murgildu eta euskalgintzan parte aktiboagoa bihurtu nintzenean. Baina legea zegoela jakin gabe ere nik oso umetatik ezagutu dut Gorritin, eremu euskalduna delakoan, beste errealitate bat zegoela: ez da bakarrik euskaraz egiten zela ia guztia; han euskaldun izan zintezkeen. Errotuluetan, aisian, harremanetan... euskara zegoen. Bertsora hurbildu nintzenean, 14 bat urterekin, hori paradisu bat zen niretzat: Gorritin izan nintekeen bertsolari erabatekoa, eskubideduna. Aldiz, Irurren, guztiz kontrakoa zen: bai errealitate linguistikoa, bai harremanak. Aitaren herrian ni beste pertsona bat nintzen. Han pixka bat exotikoa bihurtu nintzen behin bertsotan hasi eta gero. Etxean, gaztelania eta euskararekin hazi zarete hirurok. Izan duzue arazorik horrekin? Edo gatazka kalean zegoen? CRESPO: Niretzat ere nire ama hizkuntza izan da euskara; Baztanetik etorri zen ama. Aitaren familia, berriz, Zangozatik etorritakoa da —familia erdalduna da, espainiarra, hala sentitzen dute beraiek—. Ni naiz lehendabiziko tuterarra familian. Nik uste dut hizkuntzarekin batera badatozela kultura, jarrerak...bizimodu bat da azken batean. Eta nik hartu ditut biak niretzako; ez nuke kenduko bat. Euskara asko maite dut, baina ez nuke kenduko gaztelania. Bi errealitateak bizi eta ezagutzen ditut, eta nik neuk ez dut bizi izan gatazka baten moduan. Egia da, ordea, gizartean badagoela, eta gaztelaniak gailentzen duela euskara. SOTO: Nik harreman gatazkatsuagoa izan nuen aitaren hizkuntzaren eta haren inguruarekin. Izan ere, ni euskalduna sentitzen nintzen, eta Irurren egoten nintzenean esaten nuen; «ni ez nauk hemengoa!». +Urteak aurrera egin ahala ohartu naiz nire aitaren errealitate hori nigan dagoela sentitzen dudana. Eta bai, ni banaizela Gorritikoa, eta baita ere Iruñekoa eta Irurrekoa. Ez dut batere penarik nire aitaren hizkuntza gaztelania izan eta inguru horrek eman didanarekin. Aberastu egin nau, eta ni ere banaiz hori. Ohartu naiz ni nafar naizela bi errealitate horiekin osatuta. NAUSIA: Gure belaunaldian hizkuntzak pisu handia eduki du nafar identitatea eraikitzeko orduan. Ziurrenik, garaiak oso politizatuak zirelako. Nik etxean ez dut bizi izan gatazkarik. Nire aitak gaztelaniaz egiten zuen; ama, berriz, euskaldun berria zen. Amarentzat hautu politiko bat izan zen euskaraz aritzea. Biak ezkertiarrak ziren, eta euskararen borroka ere horrekin lotzen zuten, beste Nafarroa bat irudikatzen zutelako. Frankismoarekin apurtzeko hautu bat izan zen. Beraz, nik nire euskalduntasuna oso politizatua bizi izan dut, ez dut modu natural batean bizi izan, nire testuingurua ez delako euskalduna izan. Orain, belaunaldi berriek inbidia pixka bat ematen didate, batzuek behintzat euren identitatea ez dutelako eraikitzen hizkuntzaren inguruan edo auzi nazionalaren inguruan. Zenbait kasutan, beste kontu batzuk gailentzen dira gaur egun; klaseaz dihardute batzuek, edo feminismoaz. Ikusten ari naiz belaunaldi bat, Iruñean, adibidez, zeinarentzat euskara ez den subjektu politiko bat. Tuteran ere gertatzen da hori? Euskara modu «naturalagoan» erabiltzen da egun? CRESPO: Nik zortea eduki dut nire amaren familia izateagatik. Askok ez dute hori, ikastolako haur asko euskaldun berriak dira, eta ikastola dute eremu euskaldun bakarra. Hortik aterata, ez dute aukerarik ezertarako, ezpada euskaraz diharduten taldeek zerbait antolatzen dutela. Tuteran euskaldun izatea hautu politikoa da erabat, egunerokoa. Tuteran eta Erriberan, ez aisialdian, ez udalean, ez herriaren egituran... euskara ez dago inon. Beraz, euskaraz bizitzeko hautu sendoa egin behar da. Euskara identitatea eraikitzeko garrantzitsu izan dela esan duzu, Amaia, eta Eusko Ikaskuntzaren azken ikerketan ere lotuta ageri dira euskara, identitatea, eta gatazka. Zergatik? NAUSIA: Ikerlanaren barruan herritarrei galdegin genienean zer zen beraientzat Nafarroa eta zer izatea gustatuko litzaiekeen, bertako gatazka propio gisa identifikatzen zuten euskara, edo euskararen kudeaketa. Eta kudeaketa horrek sortzen zuen polarizazioa. Azpitik beste gatazka bat dagoela uste dugu: bi nazio identitateen arteko lehia. Eta lehia horren isla da euskararen kudeaketak sortzen duen ezinegona. Identitateen auzi hori bizi izan duzu, Julio? SOTO: Oso euskaltzalea da gure aita, eta ume nintzenetik ikusi diot euskararik jakin ez eta horrek eragiten zion mina. Oso gogorra izan da beretzat ni oholtza gainean ikusi eta bere semea zertan dabilen ezin ulertua. Beharbada, euskara ez duen jende askok ez du kontzientzia hori, baina nik nire aitari ikusi diot euskara kendu egin zioten kontzientzia. Bere herritik euskara erauzi egin diotela. Auzia ez dela orain dena erdaraz egiten dela eta identitate nafar desberdin bat dagoela, ez, ez; inposaketa baten ondorioz, genozidio linguistiko baten ondorioz gertatu dela, bere herriko toponimia guztia euskaraz izanik ere, berari euskararik ez ematea. Orduan, bi identitate dauzkagula esaten denean, ba, bai eta ez. Ez dugu ahaztu behar gaztelaniak ematen digun identitate hori inposaturik datorrela orain dela oso aspalditik. Gaur bizi dugun egoera mendeetako zapalkuntza izugarri baten ondorioz dator. Eta bigarren identitate horren azpian, identitate euskaldun bat badagoela nik Irurren ikusten dut. Euskaraz ez dakitenengan ere bai. Euskararen aldeko jarrerarik ez edukita ere bai? SOTO: Badago konexio bat nik sentitzen dudana nafar izate bikoitz horretan nafar izate bat dagoela. Eta nafar izate hori nafar izate euskaldun bat dela. Nahiz eta euskaraz ez aritu. Euskal izate horren gainean geroz eta geruza gehiago ari dira pilatzen —geroz eta urte gehiago ari direlako pasatzen—, ez digutenak ikusten uzten lehenago Tuteran ere euskaraz egiten zela, eta Lizarran zer esanik ez, eta Iruñean. NAUSIA: Gure ikerketan Nafarroa osoko eta ideologia anitzeko jendea elkarrizketatu dugu, euskararekiko jarrera oso kontrajarriekin. Eta denek esaten ziguten nafar zirela. Nafar izatea zer den bakoitzarentzat... Ez dago nafar identitate bakarra, ez dagoen bezala euskaldun identitate bakarra edo espainiar identitate bakarra. Nafar identitatea batzuek Euskal Herriarekin lotzen dute, eta beste batzuek, Espainiarekin. Horregatik diogu bi nazio identitate daudela, gero euren barruan anitz izan arren identitate horiek bizitzeko moduak. Eta zonifikazioak egiten duen bereizketa ez dator bat nafar izateko moduekin... SOTO: Zonifikazioak egiten duena da guri sinetsarazi bi Nafarroa daudela, Nafarroa iparraldean euskaldun batzuk gelditzen direla baina horiek nafar-nafarrak ere ez direla, gehiago direla baskongadoak, eta euskara Nafarroan asmakizun bat dela. Ni ez naiz ari esaten izan ginen horrek gaur egin behar gaituenik, pasatutakoa pasatuta dago, eta, gaur, dagoen errealitatea dago, baina geruza horren guztiaren azpian nafar izate hori nik euskal izatearekin lotzen dut. Eta kontziente ez bagara ere, keinu txiki askotan ikusten da Irurreko bat eta Gorritiko bat ez direla hain desberdinak. Zonifikazioak geroz eta lan psikologiko handiagoa egiten du, geroz eta sinetsiago dugu Tuterako bat eta Gorritiko bat ez garela berdinak; Tuteran erdaldunak direla, eta besteak, euskaldunak. Eta Tuteran ezin dela euskara eskatu, hori inposizio bat delako. Geroz eta gehiago luzatu lege hau, orduan eta handiagoa izango da distantzia psikologiko hori. NAUSIA: Lege honek desberdintasun handiak sortu ditu. Hala ere, ez dut uste bizikidetza posible izateko homogeneizazio prozesu bat egin behar denik. Baina aukera berdintasunen defentsa eta aniztasunaren defentsa, bai, hori beharrezkoa ikusten dut. Lege honek bereziki kalte egiten die euskara jaso ez dutenei, zeren eta desberdintasuna sortu duela ere ukatu egiten baitzaie haiei. Hau da, zonifikazioa dela-eta euskararekin ez baduzu harremanik izan zure gurasoek eskubidea izan dutelako zuk harremanik ez izateko, ba, ez duzu euskararik jaso. Eta, ondorioz, askotan polemika sortzen da: administrazioan lanpostuak sortu behar dira euskaraz? Berdintasunaren ikuspegitik, euskara jaso ez duenak pentsa dezake euskara eskatzeak egoera okerragoan uzten duela bera. Beraz, berdintasunaren printzipioa errespetatzeko, egin dezakegu goitik berdindu, eta denei euskara eskatu, edota, behetik berdindu, eta soilik gaztelania eskatu denei. Berdintasun printzipioa errespetatzen da hizkuntza bat kontuan ez hartuta? NAUSIA: Berdintasun printzipioa, bai, baina aniztasunaren printzipioa, ez. Beraz, ez duzu onartzen ez errespetatzen lurralde hau plurala dela eta, ondorioz, guztiak kontuan hartu behar direla. Euskara eskubide gisa aitortuta dagoen eremuan, bermatuta al daude eskubideak guztiendako? Izan euskaldun ala ez. SOTO: Euskaren Foru Legean idatzita dago euskara nafar guztion ondarea dela. Orduan, legea ez da betetzen. Zeren eta ez baita posible, bestela, euskarak batere presentziarik ez edukitzea hainbat tokitan. Hor ja hasten gara tranpatan; guztion ondarea da, baina hemen soilik da ofiziala, eta han ez. Legeak ekarri du egoera linguistiko bat urteetan fosilizatzea. Ekarri du euskara ez zabaltzea, euskaraz geroz eta okerrago hitz egitea, geroz eta sinetsiago izatea batzuek euskaldunak direla, besteak, espainiarrak...euskaraz hitz egin eta bizi nahi duen orok ez du bermaturik bere ongizatea. Ni Iruñean sortutako nafar gisa, bizitza osoa pasatu dut tentsio batean. Eta euskalduna asimilatzen joaten da berea bigarren mailako zerbait dela. Ni ez naiz izan Iruñean lehen mailako herritar bat. Saioa Crespo, Amaia Nausia eta Julio Soto. Jagoba Manterola, FOKU Azken boladan uste duzue okertu egin dela euskaraz normal aritzeko giroa? SOTO: Nik umetatik sentitu dut hori. Ez naizela lasai bizi izan, ongizate emozional horri dagokionez. Eguneroko borroka bat izan delako euskaraz aritzea. Eta, orain, Gorritin bizi naizelarik, borroka horrek hor dirau. Badakit ez dela berdin Tuteran bizi edo Gorritin bizi, guk baditugula legeak aitortutako abantaila batzuk. Baina ez da legeak ekarri duen zerbait, baizik eta egoera soziolinguistikoak ahalbidetu duen zerbait. Baina gaur da eguna gure etxeko umeek ezin dutela marrazkirik euskaraz ikusi telebistan. Ume horien pediatra gure herrian erdalduna da,... Euskara ofiziala den eremuan, baita Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere, euskararen egoera penagarria eta kezkagarria da. Euskararen jazarpena izugarria da, eta Nafarroan zer esanik ez, edota Ipar Euskal Herrian. CRESPO: Legeak esaten dizu: «zuk hitz egin dezakezu euskaraz, zuk erdizka, eta zuk ez». Horrek ekartzen du euskararen balioa gutxiestea, prestigio kentzea. Edonon. Zeren eta badirudi Baztango batek eskerrak eman behar dituela euskaraz ari daitekeen eremu batean dagoela esan diotelako, hori aitortu diotelako. Baina horrela jokatzeak jada kentzen dio prestigioa eta garrantzia euskarari. Era berean, Tuteran esaten dizutenean «hemen ez dugu euskaraz aritzeko modurik jarriko, zeren eta oso gutxik hitz egiten baitzuten, eta abar», bada, bere horretan geratuko da egoera, edo, okerragora joko du. Hegoaldean, Saioa, hainbat herri egitasmo jarri dituzue abian, Euskal Herria osorik aintzat hartuta. Zer garrantzi dute maila horretako saretzeek? CRESPO: Euskal Herri osoa hartzen duen mugimendu bat da, baina eremu ez-euskaldunean du jarria begirada. Eta ez alderantziz. Batez ere, euskaldunok euskaraz aritzeko aukerak edukitzeko sortu dira. Ondorioz, herrietan euskararen arnasgune batzuk sortzen hasi dira, bada, Gorritin aurki ditzakegunen antzekoak. Oso eskertuta gaude mugimendu horiei, baina askoz ere gehiago behar dugu. Herri egitasmoekin gainditzen da egungo esparrua? NAUSIA: Legean jarri dugu azpimarra, baina nik nabarmendu nahiko nuke Nafarroan dugun arazo handietako bat jarrera arazoa dela. Azken inkesta soziolinguistikoetan agertu da datua: euskararen aldeko neurriak hartzearen alde zeuden herritarren kopurua jaitsi egin da [VII. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, herritarren %37 euskararen erabilera sustatzearen kontra daude Nafarroan]. Gatazka bat dugu Nafarroan, eta jarreren kontu bat da. Lehenik eta behin, zonifikazioak eraginda. Izan ere, eta legeak eskubidea ematen duenez, Nafarroako ikasleen %60k ez dute inolako kontakturik euskararekin. Ondorioz, nola errespetatuko duzu ezagutzen ez duzun hori? Ezezagutza horrek jarreran eragiten du. Euskalgintzak Nafarroan duen benetako erronka jarreren aldaketak dira. Zeren eta legeak bide eman arren jarrerak kontrakoa badira, nekez emango baitira aurrerapausoak. Euskararen aldeko jarrera sustatzeko, zer prozesu hasi beharko litzateke? NAUSIA: Gu bezain nafar diren baina euskaldunak ez diren eta alde ez dauden horien jarreraren zergatia jakin behar dugu. Alderdi politikoek badute beraien ardura gatazka honetan, eta euskal nazionalismoak ere ikusi behar du zer rol jokatu duen honetan guztian. Euskal nazio identitateak ikur gisa hartzen badu euskara, nafar diren eta espainiar sentitzen direnek esanen dute ez dutela euskara nahi. Bi aldeetatik falta da bestearen aitortza. Batzuek ez diogu aitortzen besteei nafar izatea, ez dutelako besarkatzen euskara, eta besteek diote, aldiz, euskara besarkatzen dutenak ez direla nafarrak. Eta jarrera horrekin, egoera indartsuagoan dagoenak beldurra du, zeren eta uste baitu euskara zabaltzen bada bere indarra jaitsi egingo dela —nahiz eta bozken datuek ez duten hori frogatzen—. Diskurtso aldaketa bat egon beharko litzateke. Kultura demokratikoa falta baita Nafarroan, eta kultura horren bi oinarriak defendatzea: berdintasuna eta aniztasuna. Eta gaztelania ere bada Nafarroako hizkuntza. Aitortu behar zaie hori. Bestela, hemengoa ez dela esateko, non jartzen dugu muga historikoa? SOTO: Baina nork ukatzen du hori? NAUSIA: Batzuetan, euskaldunen artetik entzuten dut gaztelania inposizio bat dela, ez dela gure hizkuntza propioa. Baina bada, jende askorena da. SOTO: Noski, gaur egunean derrigor. NAUSIA: Eta nafar elebakarrak ni baino gutxiago dira? SOTO: Euskaldunen artean egongo dira batzuk nafar elebakarrak erabateko nafar gisa hartzen ez dituztenak, baina oso-oso gutxi izanen dira. Alderantzizkoa pentsatzen dutenak, ordea, asko dira. Ez nuke berdinduko politikan batzuek eta besteek egin dutena, arriskutsua iruditzen zait. Egun, globalizazio garaian, geroz eta zailagoa iruditzen zait nazio sentimendu bat gabe, jarrera despolitizatu batekin, euskarara hurbiltzea. Euskal Herrian duela hamarkada batzuk arte posible zen euskaraz jardun eta euskal espainolista edo frantses izatea. Adibide gisa jar daiteke Baztango botoaren bilakaera; euskaraz bizi zen jende askok bozkatzen zuen UPN. Gaur egun, ez da hori gertatzen. Alderdi politikoetatik ez duzue aldaketarik espero parlamentua osatu berri den eta gobernua eratzear dagoen honetan? SOTO: Egun ez dago indar korrelazio nahikorik legea aldatzeko, eta badirudi luze gabe ez dela egongo. Tamalez, ez dut aldaketa handirik espero. PSNk argi esaten du ez duela euskararen inguruan beste pausorik emango. Gobernukideek zein abstentzioa emango dutenek euskarari zentraltasun handiagoa eman beharko lioketela iruditzen zait. Gizartean badago aldaketarik? CRESPO: Tuteran, adibidez, ni txikia nintzen garaiarekin konparatuta, profil diferenteko jendea dator orain ikastolara. Ez nuke esango Euskal Herriaren ideiarekin bat egiten duten familiak direnik soilik. Hau da, askok ez dute aukeratzen euskaraz ikastea Euskal Herria nazioarekin bat egiten duelako. Denetarik dator. SOTO: Nik nire familian argi ikusi dut: bertsotan hasi nintzenetik, eta agertoki publikoan azaltzen, horri esker eduki dute euskararekin harremana nire zenbait senidek. Nafarroan euskararekin harremanik ez dutenen kopurua izugarria da [%73,5 , Nafarroako Estatistika Institutuaren azken datuen arabera], baina nire esperientzia pertsonala da euskararekin harreman goxo bat duten momenturik haien jarrera aldatzen dela. Hori izan daiteke gakoa. NAUSIA: Aldaketak egon dira. Adibidez, Morentinen bertan, nire adineko batzuk Lizarrako ikastolara edo D ereduko ikastetxe batera eramaten dituzte haurrak. Baina gatazka badago, eta galdera egin behar dugu: gatazka hori konpontzeko gogoa ote dagoen, eta gizarte demokratikoago bat sortu nahi ote dugun.
2023-8-9
https://www.berria.eus/albisteak/231628/julio-soto-ezkurdia.htm
Julio Soto Ezkurdia
Julio Soto Ezkurdia.
Bost aldiz izan da Nafarroako txapelduna, eta Bertsolari Txapelketa Nagusian ere hartu du parte behin baino gehiagotan. Gaztetan hasi zen bertsotan, Iruñeko Bertso Eskolan. Ikasle izan ondotik, irakasle jardun du bertso eskoletan. Gidoilari eta zutabegile lanetan ere aritu da, BERRIAn besteak beste. Euskal Filologiako eta Nekazaritza Ingeniaritzako ikasketak ditu eginak. Egun, bertsolari gisa dabil, bete-betean. Gorritin (Larraun) bizi da.
2023-8-9
https://www.berria.eus/albisteak/231629/amaia-nausia-pimoulier.htm
Amaia Nausia Pimoulier
Amaia Nausia Pimoulier.
Historialaria da, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan irakasle dabil. Eusko Ikaskuntzan egiten du lan 2009tik, eta hango proiektu arduraduna da. Azken lau urteotan, Aniztasunaren Kudeaketa Demokratikoa Nafarroan proiektuaren arduraduna izan da; berriki aurkeztu dute liburua. Emakumeen historiari buruzko liburuak ere idatzi ditu: Ni casadas ni sepultadas. Las viudas, una historia de supervivencia femenina, besteak beste.
2023-8-9
https://www.berria.eus/albisteak/231630/saioa-crespo-andueza.htm
Saioa Crespo Andueza
Saioa Crespo Andueza.
Ikasle izan zen ikastetxeko zuzendaria bihurtu da, Tuterako Argia ikastolakoa. Aurrez, Irakasletza eta Heziketa Bereziko ikasketak egin zituen Euskal Herriko Unibertsitatean. Tuteran hasi zen Korrikaren lehen egunaren arduraduna izan zen, 2009. urtean; aurten, berriz, berak irakurri du Sorionekuak ekinbideak deituta ekainean Iruñean egin zen manifestazioaren amaierako mezua. Euskara nafar guztiena dela aldarrikatu zuten.
2023-8-23
https://www.berria.eus/albisteak/231631/etxebizitza-bizitegi-ez-denean.htm
Gizartea
Etxebizitza bizitegi ez denean
50 urtean, %84 emendatu da bigarren etxeen kopurua Ipar Euskal Herrian: ia 45.000 dira egun. Turismora bideratutako bizitegiak mugatzeko neurriak hartu ditu Euskal Hirigune Elkargoak.
Etxebizitza bizitegi ez denean. 50 urtean, %84 emendatu da bigarren etxeen kopurua Ipar Euskal Herrian: ia 45.000 dira egun. Turismora bideratutako bizitegiak mugatzeko neurriak hartu ditu Euskal Hirigune Elkargoak.
Googleko bilatzailean «bigarren etxeak Euskal Herria» frantsesez jarrita, O'Plus Immobilier webgunea da lehenetarik: «[Ipar] Euskal Herrian bigarren etxea izatearen bost abantaila» albistera darama loturak. «Inbertitzeko leku egoki baten bila bazabiltza, [Ipar] Euskal Herria balio segurua da, bere altxor natural eta kulturalei esker», diote lehen esalditik. Besteak beste, epe luzerako errentagarritasunaren berme dela ziurtatzen dute: etxeen prezioak nabarmen igo dira azken urteotan, neurri handi batean bigarren etxeen eta etxebizitza inbertsioen eskaria gero eta handiagoa delako «ongi bizi den eskualdeetan»; telelanaren normalizazioari esker, erosleak bizi kalitaterik onena duten lekuen bila dabiltza, eta, «askorentzat, [Ipar] Euskal Herria da lehen aukeretako bat»; opor etxeetako alokairuak ere garestiak dira, eta horrek «diru sarrera gehiago sortzen lagun dezake, erabilia ez denean etxea alokatzea erabakiz gero». Inseee Frantziako Estatistika eta Ekonomia Ikerketen Institutuaren arabera, 42.743 bigarren etxe zeuden Ipar Euskal Herrian 2019an; Herrian Bizi plataformak zabaldutako datuen arabera, 2023an, 44.963 bide dira. 1968tik hona, %84ko emendatzea izan da. Egun, bizitegien %20tik gora dira bigarren etxeak. Lapurdi kostaldeko herri batzuetan, are gehiago: Miarritzen eta Donibane Lohizunen, %40 dira; Getarian, erdiak baino gehiago. Aldaren protesta bat, konpentsazio arauaren urratzea salatzeko. Guillaume Fauveau Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldeko zenbait herritan ere aurki litezke pareko argazkiak, baina, oro har, apalagoa da arazoaren larritasuna. Euskal Herri osoan, 117.081 bigarren etxe daude, bizitokien %7,3. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 30.147 daude (%2,8 inguru), eta Nafarroan, 45.407 (%13,7 inguru). Apirilaren 1ean, manifestazio jendetsua egin zuen Herrian Bizi plataformak Baionan, eta bigarren etxeen kontrako manifestu bat aurkeztu zuten. Abisua ere eman zuten: 2024ko urtarrilaren 1etik aitzina ez dute bigarren etxe berri gehiagorik onartuko Ipar Euskal Herrian. «Tokiko biztanleek herrialdean ostatu hartzeko eta bizitzeko duten eskubidearen aurkako eraso zuzen eta onartezintzat hartuko dugu». Egoerak «marra gorriak» gaindituak ditu, plataformako kideen iritziz. «Gaur egun, lurralde honetako herritarrentzat bizitoki bat eskuratzeko eskubidea zalantzan ezarria da guti batzuek bizitoki bat baino gehiago dituztelako», dio manifestuak. Bestelako proposamenak ere egin dituzte hainbat eragilek, hala nola tentsio handiko eremua Ipar Euskal Herri osora zabaltzea —gaur egun, Lapurdi kostaldeko 24 herri biltzen ditu—, herriko etxeek neurri gehiago hartzeko parada izan dezaten. EH Baik fiskalitate arloko neurriak hartzeko eskatu du behin baino gehiagotan, hala nola bigarren etxeei zerga berezi bat ezartzea. Horretaz gainera, egoiliar estatutuari buruzko azterketa bat abiatzea nahi dute ezkerreko abertzaleek; etxebizitza baten jabe izateko lurraldean epe batez bizi izatea eskatuko luke neurri horrek. Konpentsazio araua Bigarren etxea inbertsio bat egiteko ideiarekin erosten dute anitzek, eta, AirBnb gisako plataformen loraldiarekin, turismora bideratzen dute, luze gabe diru irabazi handiak egiteko helburuarekin. Euskal Elkargoak zabaldutako zenbakien arabera, 2020an 18.593 iragarki aktibo zeuden egonaldi laburreko alokairuetarako; 2016tik %139ko emendatzea izan dela zehaztu dute. Turismora bizitegi gehiago bideratzeak eragina du urte osoko alokairuen eta salmenten prezioetan; azkarki igo dira azken urteetan. Horri aurre egiteko helburua du martxo hasieran Euskal Elkargoak martxan ezarri zuen konpentsazio arauak. Printzipio sinple batean oinarritzen da: etxebizitza bat turismora bideratua bada, bizitegi izateari utzi eta lokal komertzial bilakatzen dela kontsideratzen da; beraz, bizitegi bat turismorako erabili nahi duen jabeak lokal komertzial bat bizitegi bilakatuz konpentsatu beharko du, eta, bestela, ezingo du eskuratu etxearen erabilera aldatzeko baimena. Turismorako etxebizitzak urte osoko alokairura itzultzea lortu nahi dute neurri horrekin. 11.000 bizitegi libratu daitezke ondoko urteetan. Norbanakoek parada dute lehenago eginak zituzten erabilera aldaketarako eskaerak epea bukatu arte atxikitzeko; haatik, enpresek aurtengo martxoaren 1etik bete behar dute konpentsazio araua. Baina kasu anitzetan ez da hala izan. Ekainean, Aldak Miarritzeko (Lapurdi) bizitegi bat okupatu zuen, neurria urratzen zuela eta: jabeak erregistro zenbaki faltsu bat erabilita jarri zituen iragarkiak plataformetan. Mugimenduaren arabera, halako ehunka iruzur daude Ipar Euskal Herrian. «Hiru hilabeteko epea utzi genuen ikusteko baimen galderik ba ote zegoen. Ikusi dugu ez dela bakar bat ere izan», esplikatu du Filipe Aramendi Euskal Elkargoko hautetsi delegatuak. Plataformetan diren iragarkiak zaindu dituzte, eta erregistroekin parekatu. «334 gutun bidali ditugu araudi berria oroitarazteko eta erregularizatzeko eskaera egiteko. Bestela, isuna izanen dutela ohartarazi diegu». 50.000 euroko zigorra izateko arriskua du konpentsazio araua errespetatzen ez duenak, eta mila euro gehiago, egoera erregularizatzen ez duen egun bakoitzeko. «Erabakia hartua dugu: behar diren kontrolak eginen ditugu, eta auzitara jotzeko prest gara». Aramendiren iritziz, bizpahiru kondena izateak modua eman lezake gainerakoek kontzientzia har dezaten. «Hortzak erakutsi behar ditugu hasieratik». Urraketen kontrola Tentsio eremuan diren 24 herrietan aplikatzen da konpentsazio araua. Euskal Hirigune Elkargoak darama neurriaren kontrola, Baionan, Angelun, Miarritzen eta Bokalen izan ezik. Aldak protesta egin eta berehala, araua urratzen zuten mila etxebizitza identifikatuak zituztela jakinarazi zuen Maud Cascinok, Miarritzeko Etxebizitza axuantak. «Bolumena kontuan hartuta, denbora pixka bat behar dugu, baina elkargoaren botoa errespetarazteko azkeneraino joatea erabaki dugu». Miarritzekoarekin harremanean direla erran du Aramendik: «Filosofia bera dugu». Haatik, beste herrietako egoerari buruz ez dute erantzunik. Horien artean da Baiona, Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakaria auzapez den hiria. Chistine Lauque Baionako Etxebizitza axuantari galdera egin dio BERRIAk, baina ez du erantzunik izan. Angeluko Herriko Etxeak (Lapurdi), berriz, adierazi du ez dutela «baliabiderik» halako kontrolik egiteko. Jabeei informazioa bidaltzen ari zaizkiela azaldu du komunikazio zerbitzuak, «jakin dezaten araua urratzen badute zer arrisku duten». Martxoaren 1etik, 193 erabilera aldaketa onartu dituzte, eta 55 ukatu. Zorrotz mintzatu da Aramendi: «Ez badute ahalik, aski dute guri lotzea; gure zerbitzuak egiten ahal ditu kontrolak».