date
stringdate
2012-09-20 00:00:00
2023-12-01 00:00:00
url
stringlengths
47
182
category
stringclasses
10 values
title
stringlengths
3
140
subtitle
stringlengths
0
1.17k
summary
stringlengths
5
1.18k
text
stringlengths
2
35.8k
2023-7-21
https://www.berria.eus/albisteak/230952/enpleguak-gora-egin-du-sektore-guztietan-industrian-izan-ezik.htm
Ekonomia
Enpleguak gora egin du sektore guztietan, industrian izan ezik
Urteko bigarren hiruhilekoan 1,3 puntu apaldu da langabezia, eta %7,4koa da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Zerbitzuen sektoreak sortu du enplegu gehien.
Enpleguak gora egin du sektore guztietan, industrian izan ezik. Urteko bigarren hiruhilekoan 1,3 puntu apaldu da langabezia, eta %7,4koa da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Zerbitzuen sektoreak sortu du enplegu gehien.
Jarduera ekonomikoaren hoztea enpleguari buruzko datuetan ere nabarmentzen ari da, eta bereziki industrian. Urteko bigarren hiruhilekoan, soilik sektore horretan galdu dira lanpostuak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 800 gutxiago daude (-%0,4) aurreko hiruhilekoan baino. Dena den, enplegua sortzen jarraitu da, bereziki zerbitzuetan: 8.600 lanpostu sortu ziren (+ % 1,2). Eraikuntzak ere joera positiboa izan du: 2.500 lanpostu berri (+% 4,6): Eta lehen sektoreak, 500 (+%6,1). Horiek horrela, 10.800 landun gehiago daude aurreko hiruhilekoan baino, 971.600 guztira; eta 14.500 langabe gutxiago, 77.600 guztira. Langabezia tasa 1,3 puntu jaitsi da, eta %7,4 da. 38.400 emakume daude lanik gabe, 8.600 gutxiago. Gizon langabeen kopurua ere apaldu egin da, baina gutxiago: 5.900ek galdu dute lanpostua, eta guztira 39.200 dira. Emakumeen langabezia tasa 1,7 jaitsi da, %7,6raino, eta gizonena % 7,2 da, 1,1 puntu jaitsita. Lurraldeka, Bizkaian 8.700 langabe gutxiago daude; tasak ehuneko 1,6 puntu egin du behera, eta %8,2 da. Araban, 11.000 langabe daude, 3.100 gutxiago, eta langabezia tasa 1,8 puntu jaitsi da, %7raino. Gipuzkoan 2.900 langabe gutxiago daude, eta langabezia tasa ehuneko 0,8 jaitsi da, eta %6,2 da. Kontratu motari dagokionez, kontratu mugagabeak dituztenen kopuruak gora egin du beste behin, eta aurreko hiruhilekoan baino 11.100 gehiago dira, eta, aurreko urtearekin alderatuta, 51.400 gehiago. Lan erreformaren eraginez gertatu da hori, behin-behineko kontratuak egiteko aukera murriztu egin baita. Lurraldeen arabera, eta aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, Bizkaian enpleguak gora egin du, eta 8.900 landun gehiago daude, eta Gipuzkoan 2.200 gehiago. Araban, aldiz, 300 gutxiago daude. Enpleguaren gorakadarik handiena emakumeen artean izan da: 7.600 gehiago daude. Bereziki, zerbitzuen sektorearen joera positiboarengatik. Gizonen kasuan ere gora egin du: 3.200 landun gehiago. Dena den, gizon gehiago daude lanean emakumeak baino. Gizonen artean %73,1 da enplegu tasa, eta emakumeetan, %67,1. Eustaten arabera, 303.000 etxetan ez dute pertsona aktiborik; aurreko hiruhilekoan baino 400 etxe gutxiago dira. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hamar etxetik ia seitan pertsona aktibo guztiak daude okupatuta, 11.100 familia gehiago. Aldiz, pertsona aktibo guztiak langabezian dituzten 25.900 etxe daude, aurreko hiruhilekoan baino 6.300 gutxiago. Langabeen %35,8 ez daude Lanbiden erregistratuta.
2023-7-23
https://www.berria.eus/albisteak/230953/ilusioaren-oholaren-gainean.htm
Kirola
ILUSIOAREN OHOLAREN GAINEAN
Irati Idiakez eta Ibon Oregi goi mailako kirolariak dira. Zeinek bere bidea jorratu eta gero, munduko lehian ari dira snowboardean eta surfean, hurrenez hurren. Istripu bana izan ondotik ailegatu dira kirol egokitura, eta puntako emaitzak eskuratu dituzte. Beren kirolez hausnartu dute.
ILUSIOAREN OHOLAREN GAINEAN. Irati Idiakez eta Ibon Oregi goi mailako kirolariak dira. Zeinek bere bidea jorratu eta gero, munduko lehian ari dira snowboardean eta surfean, hurrenez hurren. Istripu bana izan ondotik ailegatu dira kirol egokitura, eta puntako emaitzak eskuratu dituzte. Beren kirolez hausnartu dute.
Kilometro gutxiko tartean bizi dira Irati Idiakez eta Ibon Oregi. Getarian bata, Zarautzen bestea. BERRIAren deia jaso aurretik bazuten elkarren berri: «Niri asko lagundu zidan besteen esperientzia jasotzeak, eta berak istripua izan zuenean, mezu bat bidali nion», adierazi du Idiakezek. Istripu bana izan ondorengo osatze aldian aukeratu zuten oraingo kirola. Idiakez snowboardean aritzen dsnowa, eta garaikur sorta handia batu du urte gutxian. Aurten, hiru domina eskuratu ditu Munduko Txapelketan, La Molinan (Herrialde Katalanak): bi urre banked slalom mailan —bakarka eta bikoteka—, eta zilarra snowboard krossean. Oregik, berriz, surfean aurkitu du kirol ibilbide luze baten segida, bestelako kirolak ere egiten dituen arren. Triatloian zaildutakoa izanik, surf egokituan lehiatzen da orain. Laugarren izan zen Munduko Txapelketan joan zen abenduan, Kalifornian (AEB). Berriki, laugarren izan da Costa Ricako ParasurfLeague txapelketan, eta bigarren Europako txapelketan. Istripuek zuen bilakaera markatu dute. Gaurtik begiratuta, nola ikusten duzue? IBON OREGI: Egun seinalatua da, baina ez positiboki. Bigarren aukera eman zidaten eguna izan zen, baina askotan pentsatu dut: «Gertatu ez balitz hobe». Bizitza guztiz aldatu zitzaidan eguna izan zen. Lehen, edozer egiteko gai nintzen, hobeto edo okerrago, baina edozer. Egun horretatik aurrera, ez; istripu horrek asko baldintzatu du nire bizitza. Orduan, ikasteko —beste gauza asko baloratzen, adibidez— eta neure burua aurrera ateratzeko balio izan didan eguna izan da, baina ez da egun zoriontsu bat. Bai ospatzekoa, bertan geratzeko ez nuelako asko falta, baina ez nuke gustu handiz seinalatuko. IRATI IDIAKEZ: Ez da egun positiboa edo negatiboa. Egia esan, nire bizimodua guztiz aldatu zuen egun bat da. Ibonek esan bezala, biok anputatuak gara, eta horrek bizi kalitatea aldatzen du. Egokitzen ikasi behar duzu. Berari helduagoa zela gertatu zitzaion; ni, 21 urterekin, ikusten ari nintzen zer nintzen, eta zer nahi nuen. Egun hori beti egongo da hor. Nolako egokitzapen prozesua egin behar izan zenuten? OREGI: Nik guztiz moldatu behar izan nuen bizitza. Gauetan komunera jaiki eta makulua behar izatea. Etxetik kanpora joatean berdin. Urradurak ere bai; oinez buelta eder bat egin, eta hankan puslak sortzen zitzaizkidan. Horrek asko mugatzen du egunerokoa. Niri, eta familiari. Lehen sekulako paseoak ematen nituen hondartzan, baina orain ezin dut: hanka busti dela, deseroso nagoela, min dudala... Lehendik hona hobetu naiz, ohitu egiten da bat. Hasieran, pentsatzen nuen ezingo nuela ezer egin. Irati Idiakez eta Ibon Oregi. Jon Urbe, FOKU IDIAKEZ: Oso garrantzitsua da noraino egin dezakegun jakitea. Hanka anputatuta ezagutzen ditudanen kasuan, apur bat pasatzeak esan nahi du gero atseden gehiago hartu behar dutela. Nik gauza pila bat ikasi behar izan nuen. Ezkerra izan naiz betidanik, baina egunerokotasuneko gauza guztiak ikasi behar izan ditut esku batekin: hortzak garbitu, barruko arropa jantzi... Hasieran, dependentea zara, eta oso frustragarria da. OREGI: Independente izan nahi duzu, baina gauza batzuetan ezin da. Horrek eragin egiten du, frustrazioa sortzen du. Ahalegintzen gara, eta, orokorrean, nik ezagutzen dudan jendea gero eta independenteagoa izaten da. Bada egoeraz aprobetxatzen denik ere, eta nik esaten dut: «Horrek non du amodio propioa?». Nik ezingo nuke; laguntza eskertzen duzu, baina eskatzen hastea ez da erraza. Istripuaren ondoren ahalik eta azkarren lotu al zineten kirolera? IDIAKEZ: Bai. Tira, nik pertsona arrunten kirola egiten nuen lehen, gutxieneko hori. Protesia nahi nuen jarri; pisu handia du besotik zintzilik. Garrantzitsua zen indartzea, bizkarrarentzat-eta, eta igeriketako ikastaro bat egin nuen lehendabizi. Igerian ere berriz ikasi behar izan nuen. Gustua hartu nion, zerbait egin nezakeela frogatu nuelako. Horri heldu nion hasieran: anaiarekin, amarekin-eta joaten nintzen. Lehendabizi igerilekura, eta gero erreabilitaziora. OREGI: Ni ospitalean bertan eraman ninduten gimnasiora, hamargarren egunerako-edo. Bizikleta estatikoan jartzen ninduten, eta bost minutu ematen zizkidaten. Despistatzen baziren, hamabost egiten nituen. Bizikleta han uzten zuten asteburuetan, eta ez zuen kontrolik. Sekulako askatasuna eman zidan. Hasieran, gehiegi ere aritu nintzen, akaso: frustrazioa askatzeko modurik onena zen, amorrua askatzeko balio zidan. Aurrera egin ahala, horrek ere ez zidan balio, eta itsasora nahi nuen sartu. Ikusten nuen protesi barik egin nezakeela, eta olatuak hartu nahi nituen, bizipoza emango zidan zerbait egin, lehengo sentipenak edo antzekoak izateko [Oregi surfean aritzen zen lehendik ere]; hilabete eta erdiren buruan, uretan nintzen. Min hartzeko beldurrez, eta muinoian min hartzen nuen, baina gozamena zen. Kirolak izugarri lagundu dit. Egoera berrira egokitzeko garaian, zer helduleku izan zenituzten? IDIAKEZ: Nire ustez, laguntza psikologikoa beharrezkoa da, baina gehienbat, familiaren babesa. Nik oso familia batua dut, eta nirekin egon ziren une oro. Horrek laguntzen du aurrera egiten; zuk oso jarrera ona izan dezakezu, baina albokoek lagunduz gero, askoz errazagoa da. Hor sartzen ditut lagunak ere. OREGI: Ni ere, antzera. Gauza batzuk familiarekin egiten dira, eta beste batzuk lagunekin. Adibidez, bizikletan ibiltzera joateko edo surfera sartzeko tarteak ziren nik lagunekin nituenetako batzuk. Larunbat goizean lagunekin bizikletan aritzea gozamena da, eta, orain, gai izan dira nire erritmoan joateko. Bizikleta elektriko bat erosi nuen. Edo haiekin igerilekura joatea... Zenbat eta lehengo bizitzatik gertuago egon, orduan eta azkarrago osatzen zara. Nor bere ingurunearekin, etxekoekin, lagunekin, gustura egotea da garrantzitsuena, eta norbera ondo dagoenean ikuspegi positibo horiek helaraztea ere bai. Nik etxean ikusten nuen; ni ondo ez nengoenean, etxeko giroa ez zen bera. Beraz, norberak egon behar du ondo. Iratik dioen moduan, gertukoek ondo lagundu didate. Niri ez zidaten psikologorik jarri ospitalean, eta familiari ere ez. Pribatura jo behar izan nuen, eta esan egin nuen ospitalean: «Hildako bat denean, familiari jarri egiten zaio». Gu ez ginen hil, baina bizitza erabat aldatu zitzaigun. Uste dut istripu larri bat izan duen edonori eskaini behar zaiola. Kirolariek beren kirol bizitzan behar duten moduan, horrelako istripu baten ostean ezinbestekoa dela iruditzen zait. Irati, Gizarte Langintza ikasi zenuen, baina ez zara horretan ari. Zuk, Ibon, Gorputz Hezkuntza, eta zu ere ez zabiltza horretan. IDIAKEZ: Nik dudan kirol bizitzarekin oso zaila da. Saiatu nintzen lan batekin, baina zaila da. Ordu asko entrenatu behar da, eta atseden asko hartu behar da... Ez dakit egunen batean gizarte lanean ariko naizen; oposizioetarako izena eman dut, baina gaur-gaurkoz oso zaila da kirolarekin uztartzea. OREGI: Niri erabateko baliaezintasuna eman zidaten, eta ez dute uzten lehengo postu berean aritzen. Heziketa Fisikoko irakasle moduan, galarazita neukan; hala omen dio legeak. Urte eta erdian idatziak bidali nituen Hezkuntza Sailera, eta telefonoz ere izan nituen harreman batzuk. Azkena, lortu nuen Lakuako saileko batekin hitz egitea, eta esan zidan nirea erretiro behartu bat zela. Esaten nien bestelako lanak egin nitzakeela, baina esan zidaten erretiro hori onartu beharra nuela. Horrek apur bat gehiago hondoratzen zaitu. Nik egingo nuke lanaldi partzial bateko lana, eta beste erdia errekuperaziorako erabili. Ez kirolari moduan soilik; anputazio ostean muga batzuk ditut. Gerriko minak handiak izaten dira. Lanerako aukerarik ez emateak kolpea ematen du. Egun, kirolari lotuta zaudete erabat. Nola ailegatu zarete egungo kirol egoerara? IDIAKEZ: Ni snowboardean probatzera joan nintzen, eta prozesua oso azkarra izan zen. Horregatik, aurten lasaiago hartu dut. Denbora falta izan zitzaidan dena ondo barneratzeko. Errazagoa zen hala, pentsatzeko denbora kentzen duelako, baina azkarregi izan zen. Snowa probatu eta segituan hasi nintzen lehian. Txapelketetara, eta Europakora gero, Mundukoetara... OREGI: Beharra nuen uretan sartzeko. Gorputzak eta buruak eskatzen zidaten. Ni ez nintzen txapelketarako hasi: terapia moduan murgildu nintzen. Beldurra nuen, banekielako aseguruak atzetik ibiltzen zirela. Istripua izan nuenean, banekien beste aldeko asegurukoak-eta ibiltzen zirela. Etxean esan nuen ea geldirik egon behar nuen epaiketak igaro arte, baina horrek txikitu egiten ninduen. Aurrera egin nuen; konturatuko ziren hanka ez zitzaidala berriz hasten, eta nola sartzen nintzen uretara; olatuek bota, jausi, hondarretan bueltaka... Hori ikusten duenak esango du: «Mutil hau...». Ez da atsegina, eta behar psikologikoa nuelako eta onura zelako hasi nintzen. Adrenalina handia nuen, eta taula guztiak txikitzen nituen. Iñigo Bilbatuari esker hasi nintzen kneel-ean, hark utzitako taulekin. Banekien Espainiako Txapelketa bat zegoela Vigon [Galizia]. Lagun batekin joan, eta txapeldun geratu nintzen. Irailean hasi nintzen, gero Kaliforniara... Espainiako selekzioak esan zigun joan nahi izanez gero geuk ordaindu behar genuela. Baina ikusi egin nahi nuen; hara joan, eta besteek nola egiten zuten, ea ondo ari nintzen. Ikasi. Joan eta ezustekoa izan zen, laugarren sailkatuta. Erruleta batean sartu nintzen. Ilusioa piztu zidan. Ibon, triatloian maila onean aritu zinen. Oraingoak badu zerikusirik? OREGI: Erabat ezberdina da, zuria eta beltza. Kirol oso ezberdina da. Triatloia oso automata da; ondo entrenatuta bazaude, ondo jan eta edaten baduzu... normalean, ondo aterako da hamarretik zortzitan. Surfean ez; hara joan, eta dena zen berria, eta hala da orain ere. Baina gustatu egiten zait; txapelketa bada bidaiatzeko eta ondo sentitzeko modu bat. Badu lehengo urduritasun puntu hori. Irati Idiakez. Jon Urbe, FOKU IDIAKEZ: Surfean ez dakit, baina snowboardean oso giro ona dago kirolarion artean, eta berdin du beste herrialdeetakoak diren, aurkariak... Horrek ere lotu egiten du. Niri besoa falta zait, baina besteak nola dauden ikusi eta zer ondo dabiltzan ikusteak motibatu egiten du. Batez ere, [lesio] femoralak dituztenek harritzen naute. OREGI: Halakoetan, ni jabetzen naiz beste asko baino hobeto nagoela: «Niri zangoa falta zait, baina hori zisko eginda dago, eta sekulako bizipoza du». Esaten diezu norabait joateko, eta beti baietz esaten dute. Bizipoz horrek pilak kargatzen ditu. Orokorrean, oso jende jatorra dago. Ni semearekin egon naiz Costa Rican, eta harrituta geratu da. Irati, denbora asko ematen duzu etxetik urrun, kirol diziplina zorrotz batean. Kirola egitetik kirolerako bizitzera igaro zara? IDIAKEZ: Bai. Orain kirola zer den galdetzen didatenean, nire bizitza dela erantzuten dut. Agian lau orduz entrenatuko naiz egunean, baina ez da hori bakarrik. Nik pisua irabazi behar dut, eta janari jakin bat jan behar dut, atseden hartu, probako urduritasuna psikologikoki landu... Eguneroko erabaki guztiak horrekin lotuta daude. Hori bai, ikasi dut dena ez dela kirola; bizitza soziala ere zaindu egin behar da, bestela errendimendua okerragoa baita. Autoexijentzia zaintzen jakin egin behar da. Ikusten ez den gauza pila bat dago: ez da bi minutuko jaitsiera hori soilik, mila gauza daude. Nolakoa da zuen entrenamendu biziko garai bat? OREGI: Iratirena eta nirea ezberdina izango da. Nirea, etxearen araberakoa. Goizak aprobetxatzen ditut batez ere, haurrak eskolan daudenean. Olatuak daudenean, surfean, eta, bestela, astean bizpahiru aldiz bizikletan. Konpentsazioko ariketak ere bai, eta igeriketa astean hirutan, gimnasioarekin batera. IDIAKEZ: Guk prestaketa bat dugu; txapelketa garaian, Vaqueira-Bereten egoten gara normalean [Herrialde Katalanak]. Goizean elurretara igotzen gara, eta arratsaldean lan fisikoa egiten dugu. Horrez gain, materiala zaindu, atseden hartu... Jaieguna dugunean, lotarako aprobetxatzen dugu, leher eginda egoten garelako. Ibon Oregi. Jon Urbe, FOKU Probatzeagatik hasi arren, emaitza onak lortu dituzue. Orain, horren beharra duzue? IDIAKEZ: Hasi nintzenean, psikologoak esaten zidan: «Atera ezazu zure grina hori!». Eta nik: «Nola egiten da hori?». Urte hauetan aldaketa hori izan dut: nik irabazi egin nahi dut. Parte hartu, ikasi eta gozatu bai, baina irabazten bada, hobeto. Txapelketetan egoteko eduki egin behar da hori; bestela, ez du zentzurik. OREGI: Niri gainezka egiten dit urduritasun horrek. Honekin aurrera egin nahi badut, agian eskatu beharko nuke hori kontrolatzeko laguntza. Nola kudeatu lehiako une hori. Ez da erraza; ez naiz pertsona urduria, baina egun bi arinago hasten naiz kontu horrekin. Irabazteko baino gehiago, galtzeko beldurra izaten da. Costa Rican egon naiz hamar egunean, eta hamaikagarrenean eta hamabigarrenean izan dut txapelketa. Lehen hamar egun horietan sekulako olatuak hartu ditut, zoragarriak. Hasi txandan, eta lehen olatuan jausi egin nintzen. Hor badago zerbait gainez egiten didana, eta ez didana gozatzen uzten. Triatloian ere izaten nuen sentipen hori. Irteeran jarri eta lagunari esan: «Zer egiten dugu hemen? Goazen etxera». Eta hori, izugarri prestatuta eta oso ondo nengoela jakinda. Surfak denboraren, zortearen eta epaileen mugak ditu, eta ez dakit nire moduko lehia ote den. IDIAKEZ: Sentipen hori denok dugu. Guk kirol psikologoa dugu [federazioan], eta asko lantzen dugu hori. Askotan, nik ere pentsatu dut etxera joatea, baina ate errazena da hori. Urduritasunak kudeatzen ikasi behar da, eta jakin behar da txandatik txandarako denbora baliatzen. Bestela, urduritasunak jan egiten zaitu. Hasi zinetenetik bilakaera ona egin duzue? IDIAKEZ: Oso ona. Ez dakit gero zer gertatuko den, baina ondo ari gara oraingoz. Batez ere, egin dugun lanarengatik. Urrea lortzea gauza handia da, sozialki hori da, baina pozik nago bidean egin dudan lan guztiarengatik. OREGI: Baita ni ere. Nork esango zidan iazko irailean Espainiako txapelketara joan nintzenean. Urtebete ez da igaro, eta Munduko Txapelketan bigarren nengoen, 35 segundoren faltan. Europako Txapelketan irabazteko lehian... Kirol alorrean, pixka bat harrituta nago. Ikusten dut duela urte bi baino gutxiago hasi naizela surf egokituan, eta hortxe gaudela. Idolotzat dudan australiarra berrogei urte baino gehiagoan ari da. Munduko txapeldun izateak ez dit loa galarazten, inolaz ere ez, baina borrokarako pizgarria ematen digu kirolari izan garenoi. Lorpenak dira icebergaren goiko punta. Zein da egoera, zer dago icebergaren beheko aldean? IDIAKEZ: Oso zaila da. Jendeak ikusten duena polita da, baina laguntza asko falta dira. 26 urte ditut, eta gastuak ordaintzen dizkidate, baina irabazi? Zer egin behar dut amonatxo bat naizenean?Azkenean, puntu bateraino ailegatu zaitezke. Gurea neguko kirola da, eta udakoei kasu handiagoa egiten zaie. Emakumea naiz, eta gizonena gehiago ikusten da. Eta gainera, kirol egokitua da. Zaila egiten duten hiru faktore ditut kontra. Beste alde batetik, gero eta laguntza gehiago ikusten dira, eta esperantza hori badago. OREGI: Surfari dagokionez, orokorrean, asko jaitsi da diru kopurua, egokitua izan ala ez. Bere garaian dirua egingo zuten batzuek, baina orain, ikusita zer-nolako jendea dagoen, eta gastuak ordaintzeko lain dutela, imajinatu surf egokituan. Batzuek lortzen dituzte babesle batzuk; Instagramen edo enpresa ahaltsuen bitartez. Ni hasiberria naiz, eta, Espainiako selekzioak eramaten gaituen bitartean, Munduko eta Europako txapelketako gastuak ordaintzen dituzte. Horiek dira ostatua eta bidaia ordainduta dauzkadan txapelketa bakarrak. Gero, beste txapelketa edo zirkuitu independente batzuk daude, eta haietara joateko nork bere poltsikotik ordaindu behar du guztia: 300 euroko izen ematea, bidaia... dena. Sariak? Irabazleak 300 euro, bigarrenak 200. Costa Ricaraino joanda, pentsa nolako gastuak diren, finalean interferentzia bat egin eta 47 euro kobratuta itzultzeko. Ez da erraza; etxean diru sarrerak asko jaitsi ziren, eta diru hori ezin nuen erabili bidaiatzeko. Aparretan Bizi proiektua sortu nuen; kirol egokituan jasotako esperientziak transmititzen ditut eskoletan —Munduko Txapelketak begiak ireki zizkidan—, ordu eta erdiko tailerrak eginda. Bizipenak zabaltzeaz eta terapia egiteaz gain, lehengo irakasle sena sentituz, bide batez. Bidean behar bereziak dituen gaztetxoak aurkituz gero, surf egokituak ematen dituen aukerak helarazi. Askotan, itsu batek edo aulkian dagoen gazte batek ez daki surfean aritu daitekeenik. Asko bete nau.
2023-7-21
https://www.berria.eus/albisteak/230955/irati-idiakez.htm
Irati Idiakez
Irati Idiakez.
Snowboard egokituko munduko txapelduna da martxoaz geroztik, Banked Slalom kategorian. Idiakezek garraio istripua izan zuen Txilen, 2017ko abenduan, eta, horren ondorioz, eskuin besoaren zati bat moztu zioten. Gizarte Langintza ikasten ari zen Hego Amerikako herrialde hartan, baina orain kirolean ari da erabat. Osatze aldian ekin zion snowboardari, proba gisa, eta emaitza onak eskuratu ditu azken urteetan. Bien bitartean, Gizarte Langintzako gradua amaitu du, eta irakasle izateko graduondokoa du.
2023-7-21
https://www.berria.eus/albisteak/230956/ibon-oregi.htm
Ibon Oregi
Ibon Oregi.
Kirolari petoa izan da beti. SHEE ikasketak egin zituen Gasteizen, eta bi hamarkada baino gehiago egin ditu Heziketa Fisikoko irakasle gisa Lehen eta Bigarren Hezkuntzan. Diziplina anitzeko kirolaria da; besteak beste, triatloiko Munduko Txapelketa jokatutakoa da Konan (Hawaii, AEB). 2020eko urriaren 1ean istripua izan zuen Getaria eta Zumaia artean (Gipuzkoa) korrika entrenatzen ari zela. Ezker zangoa galdu zuen, eta osatze aldia hasi orduko berrekin zion kirolari. Surf egokituan ari da buru-belarri. Zarautzen bizi da.
2023-7-21
https://www.berria.eus/albisteak/230957/catalanek-upnren-maiatzeko-boto-emaileei-esan-die-ez-dagoela-aitzakiarik-botoa-aldatzeko.htm
Politika
Catalanek UPNren maiatzeko boto emaileei esan die ez dagoela «aitzakiarik» botoa aldatzeko
PPren eta Voxen alde bozkatzea «PSNri diputatu bat oparitzea» dela esan du Alberto Catalan UPNko zerrendaburuak.
Catalanek UPNren maiatzeko boto emaileei esan die ez dagoela «aitzakiarik» botoa aldatzeko. PPren eta Voxen alde bozkatzea «PSNri diputatu bat oparitzea» dela esan du Alberto Catalan UPNko zerrendaburuak.
Maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeetan 92.000 nafarrek eman zioten botoa UPNri, eta baliteke boto emaile horietatik dezentek PPra jotzea, EITB Focus inkestaren arabera. Zulo hori estali nahian azaldu da UPNko Kongresurako zerrendaburu Alberto Catalan gaur, mezu argi bat emanez: «Uztailaren 23an ez dute inolako aitzakiarik beste baten alde bozkatzeko; alderantziz, UPNri emandako konfiantza berretsi dezakete; horrela eginez gero, Nafarroako zentro-eskuinak gizartea gidatzen jarraituko du». Espainiako Gorteetarako hauteskunde kanpainako azken egunean, UPNk helarazi die hautesleei «lehen helburua» dela «sanchismoa eraistea», Espainiako gobernuburua aldatzea, alegia. «Herritarren arazoei soluzioak bilatzen jarraitu behar dugu, Nafarroari begira», zehaztu du, eta garbi utzi du UPNren aldeko botoak lagundu egingo duela PPko hautagai Alberto Nuñez Feijoo Moncloara iristeko helburua bete dadin, «baina nafar erara». «Aurrerabidearen bermea gara, Nafarroako herritarrek dituzten arazoak konpon daitezen», erantsi du Catalanek. Edonola ere, PPren aurrean botoa UPNk botoa galduko duelako kezka islatu du eguneko mezu nagusian sakonduz: «Botoa sakabanatzen badugu, ez badugu UPNren barruan pilatzen, PSNren zerrendak lortuko luke boto gehien, nafar gehien-gehienek nahi ez dutenak, hain justu ere». Eta sotiltasunak alde batera utzita, baieztapen biribila egin du: «Uztailaren 23an, Nafarroan, PPren eta Voxen alde bozkatzea PSNri diputatu bat oparitzea da».
2023-7-23
https://www.berria.eus/albisteak/230958/undurragako-urtegia.htm
Bizigiro
Undurragako urtegia
Arratia ibaiko ur biziak galgatu egiten dira Gorbeiaren magalean. Undurraga izena daraman urtegi ezkutuan, hain justu. Haren inguruan ibilbide biologiko bat egokitu da, hezeguneaz eta landaretzaz gozatzeko.
Undurragako urtegia. Arratia ibaiko ur biziak galgatu egiten dira Gorbeiaren magalean. Undurraga izena daraman urtegi ezkutuan, hain justu. Haren inguruan ibilbide biologiko bat egokitu da, hezeguneaz eta landaretzaz gozatzeko.
Undurragako urtegia Zeanuri (Bizkaia) herritik kilometro batera dago. Arratia ibaiko ur biziak sortu eta bat-batean gelditzen dira han, aurreko mendearen azken laurdenean eraikitako urtegi txikian kiribilduta. Akabo ur murmurioa, Barazarretik jauzitako ur biziek sosegua topatzen baitute han, Gorbeia mendiguneko bazter liluragarrian. Urtaroaren arabera, gainera, 15 hektarea inguru hartu dituen ur laminak kolore berdexkak islatu ohi ditu, eta horrek paisaian xirmi-xarmaz mimetizatzen laguntzen dio, muskerrari belar hezearen eta bazka berdearen artean gertatzen zaion moduan. . 1973. urtearen amaieran hasi zen lanean hornikuntzarako eta urak erregulatzeko urtegi otzana. Orotara, 2 hektometro kubiko ur kubeta luzexkan biltegiratuta. Arrigorriagako Venta Altako ur araztegiraino iristearen kariaz, haraino bideratu zituzten Zadorra sistemako ur apetatsuak, betiere ur emariak eraman zitzakeen materia solidoak, magnesioa, burdina eta bakterioak araztu zitezen. Kontsumo sarean sartu aurretik egin beharreko ohiko lana, beraz. 2018az geroztik, ordea, desbideratze bat baliatzen dute araztegirako bidea hoditeria baten bidez gauzatzeko. Pasarela luze bat dago presatik hurbil. Josean Gil-Garcia Igorreko eremu funtzionaleko paisaia-interes bereziko eremuaren barruan sartuak daude gaur egun Undurragako ur laminaren bazterrak eta urtegia bera, 2023ko urtarrilaren 31n onartutako lurralde plan partzialean paisaiari buruzko zehaztapenetan azaltzen denez. Urtegiko ipar-mendebaldeko ertzak lehengoratu dira funtzio ekologikoa berreskuratu eta ibai paisaia hobetzeko asmoz. Hala, igarobide natural bat egokitu berri dute urtegiaren inguruan, besteak beste bisoi europarraren (Mustela lutreola) mugimenduari bermea emateko xedez, batik bat urtegiko hezegunearen eta presa azpiko Arratia ibaiaren arteko zonan. Denera, 5.000tik gora landarek topatu dute ostatu urtegiko ertzetan. Hori guztia, gainera, paisaiari dagozkion balio ekologikoei lotutako elementu estrukturalak bermatzearen kariaz. Zeanurin, ibilian-ibilian Zeanuri herria (Bizkaia) izango da Undurragako urtegiko bira egiteko aukeratutako abiapuntua. Kultur etxe parean, hau da, autobus geralekuaren aurreko bidebanatzean hasiko da txangolaria ibilian-ibilian. Aita Urraburu plazan sartu eta idi proben plazatxoa igaro bezain laster, zubia gurutzatuko du. Ondoren, ezkerrera egin eta Undurragara doan errepidetxoarekin topo egingo du. Altzibar dorretxe parean jarrita, asfaltoan aurrera egingo du bihotza soseguan. Autobiaren azpitik igaroko da ziztuan. Errotabarri errota zaharberritua aurrerago ikusiko du, errepidearen ertzean, errekaren altzoan. 1785ean eraikitako errota izango du bisean bis. Irina egiteko baliatu ohi zuten behiala. Hala diote, bederen, ohar historikoek. Arto eta gari aleak harri bitarteetara sartuta, errotarri egoskorrek txikitu egiten zituzten ur isilen jarioan. Hala, errotari nekaezina inguruko baserrietako bezeroengana abiatzen zen astero-astero, asto eta idien laguntzaz, eskatutako urre preziatua saltzera. 1975era arte. 1973. urtearen amaieran hasi ziren Undurragako urtegia egiteko lanak.. Josean Gil-Garcia Errota atzean utzi eta jarraian agertuko den bidebanatzean, Arratia ibairen gainetik egurrezko barandak erakusten dituen zubi bat ikusiko du. Handik egingo baitu itzulera, bide tentagarri horri muzin eginda urtegiko ubidearen azpitik igaroko da. Errepideak paisaian marrazten duen bihurgunea egitean, Undurragako presa edo hormara iritsiko da azkenik. Bazter ederrez gozatuko du han ibiltariak; izan ere, talaia pribilegiatua da lan hidrauliko artifizialari erreparatzeko. Keinu arranditsuaren moldean-edo, zuhaitzek eta landaretza trinkoak maindire berdez jantziko dituzte ur laminaren ertzak eta mazelak. Bertaratutako orok paraje basatia izango du opari. Ikusmenerako eskaintza oparoa, benetan, urtegiko urek ez baitute huts-mina ezagutzen. Undurragako ertz oparoa Arkitektura ederreko txokoak ikus daitezke Zeanuri herrian.. Josean Gil-Garcia Presa gurutzatu gabe, errepidean aurrera egingo du, urtegia bera hego-ekialdetik estutzen duen asfaltoari segika. Pinpilin-panpilin besoak dantzan eta pauso luzexkak bidean, Undurraga auzora iritsiko da bidaztia. Urtegi ertzera jaisteko aukera emango dion bidea bazter utzita, zehar-zehar jarraituko du, betiere ingurumariari darion distirak goxo-goxo lagunduta. Errepide nagusiari men eginda, beraz, Arratia ibaia gurutzatuko du aurrerago. Ipiña eta Ipiñaburu auzoetara doan errepidea eskuinean lagata, ezkerrera hartuko du, Zeanurirako itzulera hasteko xedez. Arrogeta baserri paretik igarota, Palomares auzora igotzen den errepidea utzi eta ur laminatik hurbil doan korridore ekologikotik jarraituko du. Arbinako erreinuan sartuta, hartxintxarreko bideari ondo helduko dio ibiltariak, eta bazterretan hazten den landaretzaz gozatzen hasiko da. Izan ere, bada zertaz gozatu Undurragako ertzetan. Basabidera bilduko dira lizarrak, intxaurrondoak, hurritzak, haltzak, akaziak eta astigar meharrak, , besteak beste. Korridore ekologikoa amaituta, presara helduko da berriz ere. Pasarela deigarri bezain luzea hasiko da han. Ereinotzaren erreinuarekin bat egingo du orduan ibiltariak. Akaso, Madeira eta Kanaria uharteetako landaretza oparoa etorriko zaio gogora mazelako tapiz trinkoan barrena igarotzean. Landaretza termofiloak egingo dio harrera zirraragarria, oihan batean egongo balitz bezala. Adaburu trinko eta erregularrak oinetik adarkatuta ikusiko ditu, hostoak elkarren gainean desordena naturalean egokituta. Hosto berde ilunak adarrei josita-edo, «asko nekatzen dira hostoak zintzilik adarretan, zuhaitza menderatzeko ahaleginetan», Juan Kruz Igerabide idazleak esango lukeen legez. Behin oihanetik irtenda, ezkerrera hartuko du bidebanatzean, eta, jaitsiera xume bat egin ostean, Zeanurirako bideari lotuko zaio.
2023-7-21
https://www.berria.eus/albisteak/230959/geroa-bairen-aldeko-botoa-eskatu-du-solanak-eskuina-gerarazteko.htm
Politika
Geroa Bairen aldeko botoa eskatu du Solanak, «eskuina gerarazteko»
Geroa Bairen Kongresurako zerrendaburu Maria Solanak esan du Nafarroak izan behar duela «politika aurrerakoien enbaxadorea».
Geroa Bairen aldeko botoa eskatu du Solanak, «eskuina gerarazteko». Geroa Bairen Kongresurako zerrendaburu Maria Solanak esan du Nafarroak izan behar duela «politika aurrerakoien enbaxadorea».
Geroa Bairen alde bozkatzea zer den adierazi du koalizio horren Kongresurako zerrendaburuak kanpainako azken egunean: «Eskuinak geldiarazteko eta Nafarroa politika aurrerakoien enbaxadorea egiteko aukera bat; eta berme bat estatua ez dadin oztopo izan Nafarroaren moduko erkidegoentzat; Nafarroan ongi egiten direlako gauzak, eta ongi egiten jarraitu nahi dugulako, anbizioarekin, Nafarroako gizon-emakumeen ongizatearen alde». Horregatik guztiagatik eskatu du botoa Geroa Bairentzat. Uztailaren 23ko bozei begira emandako azken mezua «boto eraginkorrarekin» lotu du Solanak: «Historiak erakutsi digu Geroa Bai dela indar nafar bakarra Madrilen, Nafarroa progresistari balioa emateko, euskaltzaletasunari, feminismoari, eta beti bere ahotsez». Geroa Bai koalizioak diputatu bat izan zuen Espainiako Kongresuan, 2004tik 2015era: Uxue Barkos. Nafarroako presidente ohiak eserleku hori galdu zuenetik, ez da berriro izan ganbera horretan Geroa Bairen ordezkaririk. Solanak diputatu hori berreskuratzearen garrantzia nabarmendu du: «Eskuinaren eta eskuin muturraren aurkako partida Nafarroan jokatzen da lehenik, eta diputatuak kenduz irabazten zaio eskuinari». Horretarako, maiatzeko bozetan botoa Geroa Bairi eman zioten «geroabaizaleek» berriro bozkatu beharko lukete koalizioaren alde, Solanaren esanetan. «Eskuinari bost diputatuetatik bat kentzeko gai izango ginateke era horretan. Nafarroan Geroa Bairen alde bozkatuz egin dezakegu hori».
2023-7-22
https://www.berria.eus/albisteak/230960/fraide-errege-erregina-eta-txori.htm
Bizigiro
Fraide, errege-erregina eta txori
Bermeoko Izaro uhartean frantziskotarren komentu bat sortu zuten 1522an. Espainiako hainbat errege-erreginak bisitatu edo lagundu zuten. Orain, hegaztien bizileku da.
Fraide, errege-erregina eta txori. Bermeoko Izaro uhartean frantziskotarren komentu bat sortu zuten 1522an. Espainiako hainbat errege-erreginak bisitatu edo lagundu zuten. Orain, hegaztien bizileku da.
Gaur, Madalen egunez, Bermeoko alkateak teila bat botako du Izaro parean itsasora, herriko itoginak hara ere heltzen direla esanez. Hau da, uhartearen jabetza aldarrikatuz. Baina usadio hori ez da betikoa. Irlan zegoen komentua desagertu ondoren sortutako tradizioa dela zehaztu du Aingeru Astui Bermeoko Arrantzaleen Museoko zuzendari izandakoak. “Ezagutzen den Madalen eguneko ohiturarik zaharrena da Bermeotik Izarora joaten zirela: hango elizan meza entzun, fraideekin bazkaldu, eta herrira itzultzen ziren”. Izan ere, 1522tik egon dira frantziskotarrak Izaron. Urte hartako otsailean eskatu zioten Bermeoko Udalari komentua eraikitzeko baimena. “Maiatzerako, lau fraide zeuden irlan, han bizitzen eta komentua eraikitzen”, azaldu du Astuik. Komentua eraiki aurretik zer zegoen ez dakite seguru, baina uste dute ez zegoela ezer; hutsik egon zela ordura arte. Hala ere, eskualdean badaude elezahar batzuk, Astuik kontatu duenez. Dena den, sinesgarritasuna ukatu die: “Esaten dute Sukarrietan San Antonio bizi izan zela denboraldi batez, eta Izarora joaten zela. Seguruenik, asmatutako ipuinak dira”, ohartarazi du. Frantziskotarren komentua oso apala zen. Hango fraideak erabat pobre bizi ziren. Astuiren esanetan, kontenplatiboak ziren. Ondoan zuten ortua lantzen zuten, uhartean umatzen ziren itsas hegaztien arrautzak jaten zituzten, eta baita itsasoan harrapatutako arrain eta itsaskiak ere. “Zer jan barik geratzen zirenean, makila luze batean izara handi zuri bat jartzen zuten, herrikoek jakin zezaten zelan zeuden, eta txalupetan eroaten zieten jatekoa eta edatekoa”. Astuiren esanetan, bermeotarrek ez zuten harreman etengaberik Izaroko komentuarekin. “Herrian bazegoen frantziskotarren beste komentu bat, eskura. Beraz, ez zuen zentzurik txalupa hartu eta Izarora joan-etorrian ibiltzeak. Baina, hala ere, bermeotarrek asko maite zituzten Izaroko fraideak, eta beharrizanean zeudenean, laguntzen zieten”. Bere apalean, garrantzi eta sona berezia lortu zituen Izaroko komentuak. Arrantzaleen Museoko zuzendari ohiaren ustez, apaltasun horrek eman zion handitasuna. “Uste zuten San Frantziskok ezarritako pobretasuna Izaron bizi zutela”. Jende garrantzitsua erakarri zuen bizimodu horrek Izarora. Esaterako, hainbat erregek bisitatu zuten. Enrike IV.a Bizkaiko jaun eta Gaztelako erregea, Fernando II.a Aragoikoa eta Isabel I.a Bizkaiko andre eta Gaztelako erregina, besteak beste, Izaron egonak dira. Hirurek egin zuten Bizkaiko foruen zina Gernikako juntetxean eta Bermeoko Santa Eufemian, Bizkaiko jaun edo andre karguaz jabetzeko. Isabel I.ak, uhartera igotzeko zailtasunak ikusi, eta dirua eman zuen eskailerak eraikitzeko. “Oraindik ere eskailera haren maila batzuk eta horma zati bat ikus daitezke”. Komentua diruz lagundu zuten, halaber, Espainiako Felipe II.aren emazte Isabel Valoiskoak eta Juan Austriakoak —Felipe II.a Espainiakoaren anaia—. Mundaka, Lekeitio, Forua 1596an, Frantziako higanotak Bermeora etorri ziren, hiribildua arpilatzera. Astuik kontatu duenez, heldu zirenerako harresiko ateak zarratuta zeuden, bermeotarrek aurretik izan zutelako erasoaren berri. Inguruetako herrietako jendea ere Bermeon zegoen, hiribildua babesten laguntzera joana. Beraz, ezin izan zuten barrura sartu. “Amorratuta, Izarora joan ziren, eta komentuari egin zioten eraso. Ez zuten inor hil, baina dena erre zuten. Konponketak egin zituzten, baina orduan hasi zen gainbehera”. Hainbat urtez jarraitu zuten han bizitzen frantziskotarrek. Baina leku hobe baten bila hasi ziren. Lehenengo, Mundakan; ondoren, Lekeitioko Garraitz uhartean. Bietako batean ere ez zuten arrakastarik izan. 1719an, Izaro behin betiko utzia zuten, eta Foruko komentuan zeuden. Komentuko hormen zati batzuk daude gaur egun ikusgai, eta, ordutik, hainbat itsas hegazti espezieren bizileku eta babesleku da Izaro.
2023-7-23
https://www.berria.eus/albisteak/230961/manex-buru-beltza-eta-bortua.htm
Ekonomia
Manex buru-beltza eta bortua
Bortuaren Eguna eginen dute gaur, Ezterenzubiko Irupilen. Aezkoaren eta Garaziren arteko harremana indartuko dute. Buru Beltza elkarteak marka bat sortu du ardi mota horrentzat
Manex buru-beltza eta bortua. Bortuaren Eguna eginen dute gaur, Ezterenzubiko Irupilen. Aezkoaren eta Garaziren arteko harremana indartuko dute. Buru Beltza elkarteak marka bat sortu du ardi mota horrentzat
Iaz bezala, Ezterenzubi eta Orbaizeta artean (Nafarroa), Irupileko lepoan antolatu du Bortuaren Eguna Buru Beltza elkarteak. Igande honetan eginen dute. Aezkoa eta Garazi ibarren arteko harremanen indartzeko eguna izanen da, berriz ere. Manex ardi buru-beltzaren aldeko elkarteak lan berezia bidean du, bestalde, ardi mota hori begiratzeko eta berriz garatzeko. Hiru urte hauetan, buru-beltz saldoetako esnearekin egin gasnak ekoitzi ditu, Buru Beltza markarekin saltzeko eta balioa emateko buru-beltz tropei. Duela zenbait urte —baizik eta manex buru-beltzak ez zuela buru-gorriak bezainbat esne ekoizten—, Urdiñarbeko ardi zentroarekin hasiak ziren ardi hautatzen; genetikaren bidez, esnedun jorienen bereizteko. Bidenabar, ardi ikarari buru egiteko ere bai. Lea Pitzini Buru Beltza elkarteko eramaileak aitortu du selekzioaren bide hori aski motz gelditu zela: “Hazleen artean ez zen baitezpada helburu bat manex buru-gorriaren esne heinetarat heltzea; gehiago zen ardi azkar bat atxikitzea. Artzain anitz eskema ofizialetik atera dira, eta beren hautaketa egiten dute”. Bilatzen dituzten ezaugarrien arabera, marroak etxalde batetik bestera ibilarazten dituzte, beren ardien jokatzeko. Buru Beltza elkartean ohartuak ziren hautaketaren gaiak “jendea zatitzen” zuela biltzeko partez, eta “denen arazoa hazkuntza horretatik bizitzea” zela, oroz gainetik, Pitzinik jarraitu duenez. Horregatik deliberatu zuten manex buru-beltzaren marka sortzea, ardi mota horren berezitasunak eta “bortura igortzea” balioztatzeko. Buru Beltza marka Marka akuilatzeko, manex buru-beltzen esnearekin egin gasna batzuk egin dituzte, espresuki, diru bilketa deialdi bat egin ondoan. “Ohartu ginen ardi motaz aldatzen ziren hazle gehienek buru-beltza kentzen zutela esnea saltzen baitzuten kanpoan eta ez zutelako balio gehigarririk beren esnearentzat”, esplikatu du Pitzinik. Buru-beltzen esnearekin, aparte gasna eginez, xedea da esne horren prezioa goratzea, artzainek buru-beltzekin segitzeko gogoa atxiki dezaten. Etxe gasna egileez harago, esnea esnetegietara saltzen dutenei zuzendua zaie. “Buru-beltz esne gordinez egin aparteko gasna da helburua, beste esneekin ez nahasia, sail guzia garatzeko”. Markak balio luke axurki, bildoski edo atzarkiarentzat, baita artilearentzat ere. Arautegi bat finkatu dute marka horren erabiltzeko zuzena izateko. Esne gordinezko gasna egiteaz gain, ardi saldoak bortura joan behar du, urtero, hiru hilabetez, segurik. “Horrela, kohesio handiagoa izan dezakegu buru beltz artzainentzat”. Buru Beltza izena eman dio izen bereko elkarteak markari, baita logoa ere. Markaren biziarazteko egitura juridiko bat plantan eman nahi dute: “Elkarte gisa ez baitezakegu halako aktibitate komertzialik eraman”. Ekoizpenen salmenta, komunikazioa eta arautegia betearazteko zaintza lana eginen luke egiturak. Haatik, markaren jabetza Buru Beltza elkarteak atxikiko du, “ez dadin desitxuratua izan”. Gaur egun, solasak hasiak dituzte zenbait esnetegirekin, ikusteko zein prest liratekeen bakarrik manex buru-beltz ardi esnearekin egin esne gordineko gasnen ekoizteko. Jakinik esnetegi bakoitzak badituela berekin hitzartu artzainak buru-beltzekin direnak, baina ez baitezpada esne kantitate aski handiak esnetegi batzuek dituzten bertzatara handientzat. Pitzinik aipaturik, solasak bidean dituzte Andros taldeko Onetik (Makea) eta CLPBrena zen Etxaldiarekin (Aldude), Azkorria kooperatibarekin (Muskildi) eta Agour taldearekin (Heleta). Lehen gasna entseguak CLPBko ekoizleekin egin zituzten, iaz, eta aurten, Savencia taldeko —lehengo Bongrain— Chaumes esnetegikoekin (Maule). “Chaumes esnetegiko artzain batzuen esneak erosi ditugu urtarrila eta apiril artean, eta Azkorria esnetegian gasnatu”. Bi esnetegiekin adosturik, kanpaina horretarik jalgi gasnak Buru Beltza markarekin saltzen ahalko dira. Saldu gasna bakoitz, buru-beltz ekoizleari 50 zentimoko prima emanen diote saldu duen esne pintako, gainbalio bat ukan dezan. “Nahi izan dugu erakutsi posible zela egitea”, argitu du Pitzinik. Momentuko kontent dira atera diren gasnek ematen dutenarekin. Bortuaren Eguna Azken urteetan, bi urtetarik antolatzen du Buru Beltza elkarteak Bortuaren Eguna, Garaziko eta Azkarateko Munhoa ikastolekin. Urte bakoitietan egitea erabaki zuen. Ondokoa 2025ean izanen da. Aldudeko feriarekin aldizkatzen dituzte urteak. Aezkoaren eta Garaziren arteko harremanek markatuko dute aurtengo Bortuaren Eguna. Gunea ere araberakoa da: bi ibarrak juntatzen dituen Irupileko lepoa. Eguna Organbideko harrespiletan abiatuko da, 09:00etan, Aezkoako eta Garaziko bortu sindikatuen arteko urteroko itunaren izenpetzearekin, bi ibarrek alde bateko eta besteko alhapideen baliatzea adosten baitute, mendeetako ohiturari jarraituz. Ondotik, goizeko askaria eginen dute, eta gasna lehiaketa. Eguneko animazio orotarik apailatu dute: Azpegiko harrespilen aurkezpena, Orbaizetako (Aezkoa, Nafarroa) Kultur Olarako bisita, zaldi lehiaketa, Aezkoako eta Garaziko ekoizleen merkatua, ardi mozte eta gasna egite erakustaldiak, bizikleta ateraldia, argazki eta ikastoletako haurren marrazki erakusketa. Bazkari denboran, bortuko itunaren historia markatu duten eragile ohiak omenduko dituzte.
2023-7-21
https://www.berria.eus/albisteak/230962/buru-beltza-datutan.htm
Buru-beltza datutan
Buru-beltza datutan.
1980ko hamarkada 200.000. Manex ardi buru-beltzen kopurua hori zen Ipar Euskal Herrian. 2022. urtea 72.000. Buru (70.000 eme; 2.000 ar). 228. Nagusiki buru-beltzekin diren hazleak (2020an 270 ziren).
2023-7-24
https://www.berria.eus/albisteak/230963/errugbian-geratu-nintzen-probatutako-kirolen-artean-politena-zelako.htm
Kirola
«Errugbian geratu nintzen, probatutako kirolen artean politena zelako»
Regil 13 urterekin hasi zen errugbian jokatzen, Ordizian. Zelaitik aulkitxora egin zuen gero, eta Euskal Herrian hara eta hona ibili da. Ordiziara itzuli da orain, baina bulego lanetara: «Tokatzen zitzaidan etxera itzultzea horrenbeste buelta eman ondoren».
«Errugbian geratu nintzen, probatutako kirolen artean politena zelako». Regil 13 urterekin hasi zen errugbian jokatzen, Ordizian. Zelaitik aulkitxora egin zuen gero, eta Euskal Herrian hara eta hona ibili da. Ordiziara itzuli da orain, baina bulego lanetara: «Tokatzen zitzaidan etxera itzultzea horrenbeste buelta eman ondoren».
1974. urtean jaio zen Santos Regil Aranburu, Ordizian. Aitona Santos zuelako bataiatu zuten izen horrekin. Ordurako Ordiziako Rugby taldeak urtebete zuen. Aurten, mende erdia ospatzen ari da kluba. Filosofia aldaketa bete-betean daude, etxeko jokalariei lehentasun handiagoa eman nahi baitiete. Aldaketa hori gidatzeko, kirol zuzendaritza taldea ere berritu dute uztailean, eta tartean da Regil. Errugbiarekin eta klubarekin urte askotako lotura du. Errugbiko kirol zuzendari batentzat uda sasoia nolakoa da: opor garaia, denboraldiaurrea ala denboraldi bete-betea? Lan egiteko momentua da orain. Gehienbat, jokalariak fitxatzeko garaia delako. Kontuan hartu ez dela aukera asko dagoen merkatu bat, eta are gutxiago guk hartu dugun politika berriarekin: hemengo edo inguruko gero eta jokalari gehiago izan nahi ditugu, eta gazteak. Asmoa da hemengo jendea inguratzea eta epe motzean edo ertainean atzerritar gutxiago edukitzea. Posible da bertako jokalariekin soilik goi mailako talde bat eratzea? Oraingoz, ez. Hiru edo lau jokalari atzerritar izan behar ditugula garbi dago. Baina hemendik hiruzpalau urtera Hego eta Ipar Euskal Herriko jokalariekin osatutako proiektu bat izan nahi dugu. Ordiziako gazteen prestakuntzari garrantzi handia ematen diogu, ahalik eta jokalari gehien etxekoak izateko. Kirol zuzendariaren karguak presio handia du? Presioa nabaritzen dugu, noski. Hor gaude orain, urteetan taldea goi mailan egon delako. Maila horri eustea presioa da. Baina ez dugu beldurrik. Ikusten dugu posible dela eta jokalari onak ari direla sortzen Euskal Herrian. Gainera, gure errugbian inbertsio bat egiteko modua da. Ez dakit diruaren erabilera egokia den zazpi australiar edo zeelandaberritar fitxatzea. Presioa ondo kudeatzen duzu? Presioa beti egongo da, eta pixka bat beharrezkoa da, aurrera egiteko eta lan egiteko. Nolatan itzuli zara Ordiziara? Urte batzuk egin ditut kanpoan: bukatu zitzaidanean Ordiziako entrenatzaile izateko aukera, Frantziako ligara joan nintzen, 23 urtez azpikoen txapelketara. Trebakuntza moduan hartu nuen, eta, egia esateko, asko ikasi nuen. Horrela sortu zitzaidan Bilbora joateko aukera. Urte eta erdi bat egin nuen han. Gero, Nafarroan egon nintzen, hango entrenatzaileekin prestakuntza saio batzuk egiteko. Azken urteetan Durangon izan naiz. Euskal Ligako proiektu erabat ezberdina dute, guztiz propioa. Ez dute goi mailara iritsi nahi, baizik eta Euskal Liga indartsu bat sortu nahi dute, etxeko jokalariekin. Proiektua gustatu zitzaidan, formakuntza lan handia dagoelako atzetik. Oso gustura egon nahiz han, baina tokatzen zitzaidan etxera itzultzea horrenbeste buelta eman ondoren. Gainera, kontatu zidaten gazteek pisu handiagoa izango zutela proiektu honetan, eta motibatu egin nintzen. Eta zuzendaritzako kideak lagunak ditut. Noiztik daukazu lotura Ordiziako Rugbyrekin? 13 urte nituenetik. Orduan hasi nintzen jokatzen. Gero entrenatzaile aritu nintzen; lehen urteetan formakuntzarik gabe, eta, ondoren, hirugarren maila lortu nuen, master bat egin nuen… Jubenilekin hasi nintzen, bigarren taldearekin urte pare bat egin nuen, lehen taldearekin ere bai… Ez ginen profesionalak, baina horrelakoa da goi mailako kirola, eta bukatu egin zen bidea: entrenatzaile australiar bat ekarri zuten, eta erabaki nuen mugitzea. Lagun baten bidez eduki nuen aukera Biarritzera joateko, eta hor hasi zen kanpoko nire ibilbidea. Nola gogoratzen dituzu errugbian jokatzen hasi zinen garai horiek? Ez dakit errugbia deitu dakiokeen horri. Baloia bagenuen, bai, baina baldintzak… Zelaia putzu bat zen, eta dena lokazten zen. Jokamoldea oso motela zen, eta, ondorioz, oso fisikoa: borroka asko, lehia, gogorra… Joko dinamikak geroago ezagutu nituen, Espainiako selekziora joateko aukera izan nuenean. Gaur egun, zorionez, asko hobetu da dena. Zer gustatzen zaizu gehiago, lehengo errugbi lokaztua edo gaur egungo elastiko garbiena? Bere alde onak eta txarrak dituzte bi aukerek, denak bezala. Egungoa askoz ikuskizun ederragoa da: azkarragoa da, zelaiak hobeto prestatuta daude, kirolariak atleta hutsak dira… Baina lehengo hark beste xarma bat zuen: erromantizismo hori, baloia lortzeko egin behar zenuen borroka… Zergatik egin zenuen errugbiaren alde? Futbolean saiakera bat egin nuen, pilotan ere jokatu nuen…, baina egun batean, eskolatik etxera bidean, lagun batek esan zidan errugbian hasi zela. Harekin joan nintzen lehen entrenamendura, zapatu goiz batean. Gure etxe ondoan zegoen zelaia. Errugbian geratu nintzen, probatutako kirolen artean politena zelako. Noiz arte jokatu zenuen? 11 edo hamabi urte segidan egin nituen. Gero, ikasketak eta lanak zirela-eta, pixka bat bat utzi egin nuen, baina ez nintzen guztiz aldendu. Halako batean, esan zidaten jubenilen taldea entrenatzeko norbait behar zutela, eta entrenatzaile hasi nintzen. Zeu bakarrik? Hasieran, bai. Gero, lagun batekin. Orduan ez zegoen egitura sendo bat, eta lan guztiak guk egin behar genituen: arropak, fitxak… Ez zegoen horren profesionalizatuta. Baina gustura aritu nintzen. Jokalari moduan selekzioan-eta ikasitakoa transmititzeko helburu txikia jarri nion nire buruari. Orduan hartu zenuen errugbia serio? Edo jokatzen zenuenerako argi zenuen karrera egin nahi zenuela? Gaztetatik topera bizi izan dut. Kontua da hemen errugbia ez zela ezta amateurra ere… Jokalari moduan, ez nuen horren serio hartzen, lagunekin ondo pasatzea zen helburua. Baina entrenatzaile moduan serioago heldu nion. Puntu batera iritsitakoan, ikusi nuen nire jakinduriarekin gehiago ezin nuela irakatsi, eta prestakuntza behar nuela. Hortik aurrera, ikasteko beti zerbait dagoenez, urtero egiten dut ikastaroren bat. Errugbia eta ikasketak, lana, familia, lagunak…; nola uztartzen dira? Gaztetan ez nuen horrenbesteko arazorik. Gezurra dirudi, baina denerako denbora ematen du. Baina etxean laguntza izatea garrantzitsua da. Ingurukoen babesa ezinbestekoa da, errugbiak denbora asko eskatzen duelako. Zer ikasi zenuen? Elektrizitatearen inguruko lanbide heziketako ikasketak egin nituen. Goi mailako ikasketak egitea baino gehiago, errugbia nuen buruan. Lanbidez, elektrikari, beraz. Errugbitik bizitzea hemen, hasieran, pentsaezina da. Frantzian, agian, bai. Baina oso zaila da. Horrenbesteko maila eta konpetentzia dago… Nik geroago eduki nuen lehen soldata, eta, hala ere… Egon dira garaiak errugbiari lehentasun handiagoa eman ahal izan diodana, baina ez erabatekoa. Biak uztartu beharra dago. Eta bizi? Zegaman. 2006an joan nintzen hara. Beti Goierrin? Bai-bai, beti. Kilometro mordoa egindakoak gara. Sakrifiziorik gabe ez dago ezer, eta nire partetik zerbait jarri beharra neukan ikasten eta hobetzen jarraitu nahi banuen. Gustatuko litzaizuke errugbiaren aitzakian mundua ezagutzea? Dudarik gabe. Goierrin beti egongo naiz gustura, eta hemen nahi dut eragin. Baina hego hemisferioa oso indartsua da: Hego Afrika, Zeelanda Berria… beti dira aurreratuenak, modernoenak, betetzen dituzte milaka ikusleko estadioak asteburuero… Baina, tira, pena handirik ere ez dut. Ikusteko, nahikoa dut Iparraldean dugun mailarekin. Frantziako ligan dirutza askoko taldeak daude, lehen mailako jokalariekin, eta espektakulu bat da. Pixka bat bidaiatu duzu, dena dela. Espainiako selekzioarekin Eskozian eta Galesen jokatu genuen. Oso oroitzapen onak ditut, izan ere, Eskoziari etxean irabazi zion lehen belaunaldia izan ginen, Glasgown. 18 urte nituen. Ingalaterran ere jokatu genuen behin. Galdu egin genuen, baina hurrengo eguneko Daily Telegraph egunkarian kronika bat eskaini ziguten, nire argazki eta guzti. Etxean gordeta daukat. Gazte mailako Munduko Txapelketa bat ere jokatu zenuen. 1992an. Orduan, ekitaldi guztiak Espainian izateko saiakera bat zegoen: Olinpiar Jokoak, Expoa… Errugbian junior mailako Munduko Txapelketa Madrilen jokatu zen. Errumaniari irabazi genion finalerdietan sartzeko. Oso aurkari zaila zen; orduan Errumaniari seigarren nazioa esaten zitzaion. Finalaren atarian Argentina egokitu zitzaigun. Galdu egin genuen, baina oso markagailu duinarekin. Hirugarren eta laugarren posturako partida ere galdu egin genuen, Italiaren aurka. Oso esperientzia polita izan zen, ahaztezina. Esperientzia horiek guztiak baliagarriak izan zaizkizu zure izaera osatzeko? Familia da lehendabizikoa, baina errugbia eta lagunak dira beste dena. Garbi esateko, kuadrillari eta taldeari garrantzi handiagoa ematen genion eskolari baino. Orduan, bai, asko eman dit. Beste batzuentzat, agian, seriotasun falta izango zen lanaren ordez errugbia edukitzea buruan, baina niretzat oso polita izan da ibilbide hau, eta seguru nago markatu nauela orain naizen bezalakoa izateko. Eta zerbait kendu dizu errugbiak? Seguru baietz. Ez dakit zer, baina seguru. Hasieratik hasiko bazina berriz, errugbia hautatuko zenuke? Noski. Beste ikuspuntu eta mentalitate bat izango nuke gaur egun, baina, bai. Penarik baduzu? Jokalari moduan Iparraldean edo Frantzian saiakeratxo bat egin izana gustatuko litzaidake. Orduan, gezurra badirudi ere, muga oso handia zen, eta kostatu egiten zen alde batetik bestera igarotzea. Alde batean 50 guardia zibil zeuden, eta beste aldean, 50 jendarme. Tontakeria dirudi, baina zalaparta handia zegoen. Munduko Txapelketaren ostean eduki nuen aukera bat Baionan jokatzeko, baina gurasoen esfortzuaren menpe zegoen eta ez zen atera. Oso urruti ikusten genuen Iparraldera joatera. Gurasoek animatzen zintuzten errugbian jokatzea? Ez asko, hemen ez zegoelako errugbirako batere joerarik. Gainera, beraiek taberna-jatetxe bat zeukaten eta egun osoa lanean pasatzen zuten.
2023-7-24
https://www.berria.eus/albisteak/230964/usansolok-erabaki-zer-egin-eta-inbertsioa-galdakaok-egingo-du.htm
Politika
«Usansolok erabaki zer egin, eta inbertsioa Galdakaok egingo du»
Maiatzetik Usansoloko Kudeaketa Batzordeko presidentea da Agustin Aizpuru. Salatu du ez dutela ia eskumenik, Espainiako Gobernuak ez duelako Usansolo Espainiako Tokiko Entitateen Erregistroan sartu.
«Usansolok erabaki zer egin, eta inbertsioa Galdakaok egingo du». Maiatzetik Usansoloko Kudeaketa Batzordeko presidentea da Agustin Aizpuru. Salatu du ez dutela ia eskumenik, Espainiako Gobernuak ez duelako Usansolo Espainiako Tokiko Entitateen Erregistroan sartu.
Apirilean, Bizkaiko Foru Aldundiak Usansoloko Kudeaketa Batzordea osatu zuen, eta Usansolo Herriak dituen ordezkarietako bat da Agustin Aizpuru (Bedia, 1946). Maiatzaren 4an aukeratu zuten batzordeko presidente. Datozen lau urteetan udal funtzioak beteko ditu batzordeak, eta alkate lanak egingo ditu Aizpuruk. Hartu zuten lehen erabakia izan zen Espainiako Gobernuari eskatzea Usansolo Espainiako Tokiko Entitateen Erregistroan sartzeko, baina ezezko erantzuna jaso zuten joan den hilean. “Tokiko Entitateen Erregistroan egon arte, ez dugu eskumen askorik; beraz, ezin dugu lan handirik egin”. Espainiako Gobernuak esan dizue ez dutela Usansolo Espainiako Tokiko Entitateen Erregistroan sartuko, ez dituelako gutxienez 5.000 herritar erroldan, Espainiako Estatuko legeak eskatzen duen moduan. Orain zer? Bagenekien gerta zitekeela; beraz, prest egon gara. Maiatzeko udal hauteskundeetan Galdakaoko Udalerako aurkeztu ginen Usansolo Herria plataforma moduan, eta bi zinegotzi lortu genituen. Zinegotzi horiek EH Bildu buru den Galdakaoko udal gobernuan daude. Akordio ekonomikoa daukagu EH Bildurekin inbertsioak egiteko Usansolon. Horretan ibiliko gara oraindik aurrera, akordio hori betetzen. Desanexio prozesua ere jarraituko dugu. Ez gaituztenez erregistratu, bi bide ditugu. Batetik, prozesu administratiboari jarraitu, eta erreklamazio bat egin. Bestetik, alde juridikotik plantea dezakegu gatazka juridiko bat. Zer eskumen ditu orain Usansoloko Kudeaketa Batzordeak? Galdakaoko Udalak ditu ia eskumen gehienak. Haiek daukate dirua. Beraz, adostuta daukagun dirua zinegotziarekin kudeatuko dugu, eta guk batzordean erabakiko dugu zertan inbertituko den. Ez bagaude erregistratuta, ez dugu ez aurrekonturik, ez diru laguntzarik. Egin dezakeguna da datozen urteetan zer gobernu nahi dugun zehaztu, eta araudia osatzen hasi. Baina inbertsiorik ez; Galdakaoko Udalak egingo ditu, eta guk erabakiko dugu zer eta noiz egin. Beraz, Galdakaoko udal gobernua osatzeko akordio hori lortu ez bazenute EH Bildurekin, Usansoloko Kudeaketa Batzordeak ez luke ezer egiteko aukerarik izango? Linboan egongo ginateke. Udal bat diru barik ez da ezer. Araudiak onartu ahal izango genituzke, baina inbertsiorik egin ez. Akordioari esker, Galdakaok Usansolon ematen dituen zerbitzuak ere guk kontrolatuko ditugu. Galdakaoko gobernuan bi zinegotzi ditugu, eta haietako bat arlo askotako zinegotzia da: hau da, hirigintza arloan, obrenean eta zerbitzuenean… arlo nagusi guztietan du eskumena, Usansolon jardun ahal izateko. Arautu dezakezuela diozu. Adibidez, kudeaketa batzordeak onar dezake Usansolorako hiri antolamenduko plan orokor bat? Orain ezin dugu, baina itxaropentsu nago, eta uste dut laster konponduko dela gatazka hau, eta berehala onartu ahal izango dugula. Agintaldi berri honetan Usansolok pausoak eman beharko ditu. Beste gatazka bat ere baduzue: Espainiako Estatuko Abokatuak helegitea ipini zuen abenduan Bizkaiko Batzar Nagusien desanexio erabakiaren aurka. Hor ere lan egin beharko dugu. Eta baita alderdi politikotik ere. Lan egiten ari gara aspalditik. Espainiako Tokiko Erregimenaren Oinarrien Legeko 13.2 artikuluak esaten du 5.000 biztanle behar direla segregazio baterako. Guk salbuespen bat sartzea nahi dugu, eta horretarako zuzenketa bat prestatu genuen EAEn eta Nafarroan ez aplikatzeko, lurralde historikoak direlako. Baina Espainiako Gorteak desegin egin ziren, eta berriro hasi beharko dugu. Bi urte ibili gara lanean EAJrekin, EH Bildurekin eta Podemosekin. Espainiako hauteskundeen ostean ikusi beharko da oreka politikoa zein den, eta ikusiko dugu zelan bultzatu dezakegun berriz ere zuzenketa hori. Espainiako hauteskundeetako emaitzek kezkatzen zaituzte? PP ez dago gure kontra. Batzar Nagusietan beti babestu gaitu, eta esan digute [Espainiako] gobernura helduz gero babestuko gaituztela. Baina, inkestetako zifren arabera, Vox ere gobernuan egongo da, eta ez dakigu zer egingo duen. PSOEk jarraituko balu, orain arte ez dira desanexioaren alde egon. Ikusi beharko da zer oreka sortzen diren. EAJ, EH Bildu eta Sumar gurekin daude, eta hiruren artean PSOEk jarrera aldatzea lortu beharko lukete. Sozialistek esaten digute herriak ez direla banatu behar, batu baizik, baina haiek Andaluzian hainbat segregazio egin zituzten 2018an. Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak esan du Espainiako Gobernuaren erabakia errekurrituko duela diputazioak. Eskertzekoa da. Nahi dugu jakin zelan egingo duten, gure abokatua ere koordinatzeko. Haiek euren errekurtsoa egingo dute, eta guk gurea, baina garrantzitsua da koordinatzea. Galdakaoko Udalak ere egingo du berea. Zer erronka ditu batzordeak datozen lau urteetarako? Duela hiru aste eskatu nion diputazioari kudeaketa batzordea azken hauteskundeen emaitzetara egokitzeko. Orain, EH Bilduk kide bat edukiko luke, eta EAJk bat galduko luke. Hori egin behar da; ez du zentzurik kudeaketa batzordea 2019ko emaitzen arabera osatuta egoteak. Irailean berritzea espero dut. Lanean hasi beharko dugu orduan. Alde politiko eta juridikotik lan asko dugu, eta baita kudeaketa aldetik ere. Proiektuen zerrenda bat osatu beharko dugu. Proiektu handirik ez daukagu oraindik pentsatuta, baina txikiak, asko: kaleak hobetu, zubien segurtasuna sendotu… Metroaren 5. linea dela eta, herrian duzuen Eustronen lineako geltokia galduko duzue. Euskotren hamabost minutuan behin pasatzen da; beraz, guk zerbitzu ona dugu orain arte. Geltokia galduko dugu. Metroaren proiektuak dio sarrera bat egongo dela Labean, ospitalera joateko metroa hartzera. Baina hango segurtasuna ez da ona; herrigunetik kanpo dago eta toki iluna da. Herrigunean nahi dugu geltokia, edo sarrera bat lurpetik herritik ospitalera. Jaurlaritzarekin eta diputazioarekin bildu behar dugu.
2023-7-23
https://www.berria.eus/albisteak/230965/ekhilurren-ordainketa-sistemak-milioi-baten-eragiketak-egin-ditu.htm
Ekonomia
Ekhilurren ordainketa sistemak milioi baten eragiketak egin ditu
Diruaren kontrola herritarren eskuetan egotea nahi dute Ekhilur kooperatibakoek. Visa, Bizum eta halako sistema orokortuei aurre egitea du helburu egitasmoak. Bilbon berrogei saltokik dute sistema hori.
Ekhilurren ordainketa sistemak milioi baten eragiketak egin ditu. Diruaren kontrola herritarren eskuetan egotea nahi dute Ekhilur kooperatibakoek. Visa, Bizum eta halako sistema orokortuei aurre egitea du helburu egitasmoak. Bilbon berrogei saltokik dute sistema hori.
Ekhilurren ordainketa sistemak guztira milioi bat euroko eragiketa bolumena lortu du bere proba pilotuan. Bilbon egoitza duen egitasmoa 11 hilabetez egon da Bizkaiko hiriburuan eta Hernanin (Gipuzkoa) proiektua martxan jartzen. Alex Lopez Ekhilurreko teknikariak dio espero zuten baino “lehenago” heldu direla kopuru horretara. Proiektuaren helburua argi dute Ekhilurren: alde batetik bestera doan diruaren gaineko kontrola herritarrek izatea. Izan ere, ordainketa sistemaren funtzionamendua “komunitateak erabakitakoarekin” arautzen da, Lopezen esanetan. Ekhilur irabazi asmorik gabeko kooperatiba bat da, eta erregulatuta dagoen ordainketa sistema bat du. Baina zer da ordainketa sistema bat? “Visa, Bizum eta Paypal dira ordainketa sistemetan esanguratsuenetakoak”, dio Lopezek, adibide batzuk jartzearren. Ekhilurrek, baina, ezberdintasun nabarmena du hainbeste hedatutako sistema horiekin alderatuz gero: herritarrei ordainketen gaineko kontrola itzultzea. “Gaur egun, erosketak ordaintzen ditugunean, ez dugu inolako kontrolik sistemaren gainean. Bertako arauak eta hortik lor daitezkeen etekinak gure kontrolpetik kanpo daude”, esan du Lopez teknikariak. Erabilera “nahiko handia” lortu dutela uste dute Ekhilurren. Batez ere, kontuan hartuta “ordainketa sistema berria” dela eta bestelako sistemen erabilera “erroturik” dagoela, Lopezek gaineratu duenez: “Ikusi dugu ez geundela hain desbideratuta gure aurreikuspenekin. Argi gelditu da Visaren alternatiba izan daitekeen sare bat sor daitekeela”. Bilbon berrogei saltokik dute sistema erabilgarri; denak, Zazpikaleetakoak. Negozio horien artean daude, besteak beste, Gorostiaga kapelak, Pikara Magazine, Posta kaleko 4. zenbakiko farmazia, Rosi okindegia eta Almodobar taberna. Merkataritza gune berriak “Kapitalismoaren tresnak erabiliz kapitalismoa aldatzea”: hori da, Lopezen iritziz, Ekhilurren egitekoa: “Kapitalismoaren tresnak erabiltzen ditugu, baina bestelako helburu batzuk lortzeko. Guretzat, oso garrantzitsua da sarearen bitartez merkatarien artean kidetasun eta kooperazio sentipena sustatzea”. Hori lortzeko, oso baliagarria iruditzen zaie kooperatibatik “sare eta tresna amankomun baten parte izatea”. Are, dendarien artean elkartasuna lortzeak “berebiziko” garrantzia du proiektua garatzeko. Izan ere, helburua da tokiko merkataritzaren eredua ulertzeko modua aldatzea, dendak era independente batean ulertzetik “merkataritza gune” baten modura ulertzera: “Sare baten modura irudikatzen dugu guk, gainazal handi baten antzera. Zenbait abantaila jasotzen dituzte erabiltzaileek erosketak egiteagatik [ordaindutakoaren %10 itzultzen zaie]. Baina lortutako diru hori soilik herri horretan gastatu dezakete; fideltasuna ezartzeko modu bat da”. Hau da, Ekhilurrek merkataritza gune handiei “hain errentagarriak” zaizkien estrategia berak aprobetxatu nahi ditu. Horrelako abantailak, ostera, ez daude Bilbon oraindik. Alex Lopezek argitu duenez, bi lan ildo prestatu zituzten proiektua nola garatu behar zuten ikusteko. Alde batetik, deskontuena, Hernanin ezarri dutena; eta, bestetik, ikuspuntu etiko-sozialari garrantzia ematea hitzaldien bitartez, Bilbon egin duten legez. Lopezek dio Hernanin erabilitakoa “askoz eraginkorragoa” izan dela. Hori dela eta, sistema datorren irailetik aurrera Bilbon ezarri nahiko lukete. Pausoak aurrera Bizkaiko ekhi txanpona eta Goiner kooperatiba elkartuta eratu zen Ekhilur kooperatiba. Lopezek dio ekhi txanponaren esperientziaren ostean konturatu zirela txanpona bera baino garrantzitsuagoa dela ordaintzeko modua kontrolatzea: “Ordainketa sistemaren arauak kontrolatuz gero, txanponaren gaineko kontrola duzu, nolabait”. Horregatik, ildo hori jorratzen jarraitzea erabaki dute. Dena den, Ekhilurreko teknikaria jakitun dago Bilbok errealitate asko dauzkala; hori dela eta, merkataritza zonatan banatuko dute hiria, “estrategia ezberdinak ezarri” eta eredua “pixkanaka” zabaldu ahal izateko. Ekhilurren hedatzeko nahiak ez dira Bilbon geratzen. Izan ere, Lopezek baieztatu duenez, Hernanin “bideragarritasuna bilatu” eta Bilbon estrategia berria aplikatzeaz gain, Euskal Herriko beste gune batzuetara zabaltzeko pausoak emango dituzte. Luze gabe Irunera zabaldu nahi dute (Gipuzkoa). “Mugaz gaindiko txanponak” ezartzea gustatuko litzaioke teknikariari; horregatik, Ipar Euskal Herriko euskoarekin daude hizketan Irunen, euroaz gain erabili ahal izateko.
2023-7-21
https://www.berria.eus/albisteak/230966/bentildeat-garaio-ikerlariak-jakinarazi-du-behin-behinean-utziko-duela-ikerkuntza.htm
Gizartea
Beñat Garaio ikerlariak jakinarazi du behin-behinean utziko duela ikerkuntza
Maori hizkuntza gutxituaren eta euskararen arteko zubi lana egitea du helburu saritutako proiektuak
Beñat Garaio ikerlariak jakinarazi du behin-behinean utziko duela ikerkuntza. Maori hizkuntza gutxituaren eta euskararen arteko zubi lana egitea du helburu saritutako proiektuak
Beñat Garaio ikertzaile soziolinguistak irabazi du Eusko Ikaskuntza Laboral Kutxa Gazte Saria. Hala ere, ikerlarien lan baldintzak hobetu bitartean ikerketaren alorra utziko duela jakinarazi du. Hain zuzen, Bilboko Euskalduna jauregian atzo egin zen sari banaketaren ekitaldian, ikerketarako baliabide gehiago eskatu zituen Garaiok. Kia ora, takatāpui: māoriera eta euskararen biziberritze prozesuak elkarlotzen izena du saritutako proiektuak. Euskararen eta Zeelanda Berriko maori hizkuntza gutxituaren arteko zubi lana egitea da helburua, hizkuntza horiek biziberritzeko prozesua elkarrekin egiteko eta elkarrengandik ikasteko, eta indarrak batuz bi hizkuntzak suspertzeko erronkari aurre egiteko. Bide horretan, maori kulturaren ikuspuntu filosofiko akademikoa euskal eremura hurbildu nahi du. Proposatzen du metodologia berritzailea erabiliz eta soziolinguistika anglosaxoiaren laguntzarekin lotzea bi hizkuntza horiek. Saria jaso zuenean Euskadi Irratian azaldu zuenez, duela urte batzuk Eusko Ikaskuntzak hizkuntza komunitatearen diagnostiko bat egiteko metodologia bat garatu zuen. Garaiok adierazi du metodologia horri jarraipena eman nahi diola, maorieraren diagnostiko bat egiteko eta bertako eragileak, indarguneak eta lorpenak identifikatzeko.
2023-7-21
https://www.berria.eus/albisteak/230967/tubacexek-bi-urteko-hazkundea-kateatu-du-kaleratzeak-egiten-saiatu-zenetik.htm
Ekonomia
Tubacexek bi urteko hazkundea kateatu du kaleratzeak egiten saiatu zenetik
20 milioi euroko irabazia izan du 2023ko lehen seihilekoan, iazko epe berekoa baino %119 handiagoa
Tubacexek bi urteko hazkundea kateatu du kaleratzeak egiten saiatu zenetik. 20 milioi euroko irabazia izan du 2023ko lehen seihilekoan, iazko epe berekoa baino %119 handiagoa
Ekainaren 22an bi urte bete ziren Tubacexek egin asmo zuen erregulazio espedientearen auzia epaitu zenetik. Bi egun haietan, enpresako abokatu eta perituek iragarpen apokaliptikoak egin zituzten EAEko Auzitegi Nagusian, eta azaldu zuten ez zegoela 128 langile kaleratzea beste erremediorik . Iragarpen txar haiek, baina, zerikusi txikia izan dute enpresak ondoren izan duen bilakaerarekin. Hartaz geroztik, Arabako hodi enpresak zortzi hazkunde hiruhileko kateatu ditu jarraian, eta aurtengo lehen seihilekoan inoiz baino gehiago saldu du. Tubacexek aurtengo lehen seihilekoko kontuak aurkeztu dizkio Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeari, eta datuek enpresaren bolada ona berretsi dute. Seihilekoan 20 milioi euroko irabazia izan du —64 milioikoa zergak eta betebehar finantzarioen aurretik—, iazko epe berean baino %119 handiagoa. 434,8 milioi euroren salmentak izan ditu guztira, sei hilabeteko tarte batean inoiz izan dituen handienak. Jesus Esmoris enpresako kontseilari ordezkaria pozik dago emaitzekin: «Emaitzak hobetzeko eta kutxa gordina handitzeko eginak genituen gure aurreikuspenak bete dituzte emaitzek. Eskari zorro handia dugu, eta salmenta urte historiko bat iragar dezakegu». Enpresaren datuek arrazoia ematen diote; izan ere, Tubacexek lan karga handia du. Gaur egun, 1.650 milioi euroko eskari zorroa du, aurtengo lehen seihilekoan fakturatu duena baino 3,7 aldiz handiagoa. Taldeak 146 milioi ditu kutxan, eta 204 milioiko likidezia. Zerga finantzarioa, berriz, 54,5 milioi eurokoa da. Tubacexek azaldu du datu horien oinarria balio erantsi handiko produktuen salmenta dela, eta energiaren eta lehengaien garestitzea beren azken prezioetara eraman ahal izan dutela. Salmenta horien %42 industria sektorean egin dituzte, %19 gasa garraiatzeko —txostenean nabarmendu dute merkatu horrek aurrerakada «nabarmena» izan duela—, %15 petroliorako, %16 merkatu berrietarako, eta %8 powergen deritzonerako —energia sorrera—. Entresaka geografikoa eginez gero, salmenten %40 Asian eta Ekialde Hurbilean egin ditu, %35 Amerikan, %21 Europan, eta %4 Afrikan.
2023-7-21
https://www.berria.eus/albisteak/230969/eh-bilduk-kanpaina-amaieran-dio-auzolanean-baino-ez-dakiela-jarduten.htm
Politika
EH Bilduk kanpaina amaieran dio «auzolanean baino» ez dakiela jarduten
Koalizio abertzaleak hauteskunde kanpainaren hasieran helarazi zuen mezu berarekin itxi du: «Ezinezkoa zela esan ziguten, eta egin dugu».
EH Bilduk kanpaina amaieran dio «auzolanean baino» ez dakiela jarduten. Koalizio abertzaleak hauteskunde kanpainaren hasieran helarazi zuen mezu berarekin itxi du: «Ezinezkoa zela esan ziguten, eta egin dugu».
EH Bilduren hauteskunde kanpainan lan egin duten hainbat kide Altsasun (Nafarroa) elkartu dira gaur, elkarrekin bazkaltzeko. Maialen Urzelai Kongresurako Gipuzkoako hautagaiak eta Patri Perales Kongresurako Nafarroako hautagaiak hartu dute hitza. «Ezinezkoa zela esan ziguten, eta egin dugu» esaldiarekin abiatu zuen uztailaren 23rako hauteskunde kanpaina koalizioak, eta baieztapen hori bera errepikatu du Urzelaik. Haren arabera, EH Bilduk «auzolanean baino» ez daki jarduten, eta auzolan horren bidez aurreko bozetan erakutsitako indarra lortuko duela uste du. Altsasun elkartutako militanteei aritu zaie Urzelai: «Ez gaude denok, jakina; zorionez, milaka gara herriz herri lanean ari garen kideak. Udaletan, auzo elkarteetan, mugimendu sozialetan eta behar den toki guztietan. Maitasunagatik egiten dugu, eta gure bizitzaren zati bat dedikatzen diogu egitasmo honi. Sigla politiko batzuengatik baino gehiago, herri honengatik egiten dugu». EH Bilduren komunitatea «askotarikoa» dela ziurtatu du, Euskal Herriaren antzera. Koalizioa bere ohiko boto emaileez gainera beste soslai batzuk erakartzen ari dela berretsi du hautagaiak: «Bazter guztietakoak gara, adin guztietakoak, jatorri eta sentsibilitate politiko anitzetakoak». Ziurtatu du biltzeko gai den «kapital politiko eta indar komunitarioan» neurtzen dela EH Bilduren balioa: «Politika ez da helburua guretzat, bitartekoa baizik. Kolektiboan egiten dugu: elkarlanean sinisten dugu». EH Bilduk «ateak irekita» dauzkala erantsi du, «inor ez baitago sobran». Feminismoak erakutsi duenari ere balioa eman dio aurrerantzean jarduteko moduari erreparatuz: «Bakarrik ezin da, baina elkarrekin urrutira irits gaitezke. Eta horregatik sinesten dugu auzolanean, eta, sinesteaz gain, praktikan jartzen dugu». Peralesek EH Bildurentzako botoa eskatu die «feministak direnei eta lan eskubideak hobetu nahi dituztenei». Era berean, «planetak kezkatzen dituenei, hurrengo belaunaldiei hipotekarik jarri nahi ez dietenei» mintzatu zaie, botoa eskatuz. «Pentsio duin eta publikoen alde, justizia sozial eta fiskalaren alde, Euskal Herri askeago baten alde»; horren guztiaren aldeko botoa eskatu du EH Bilduren hautagaiak. «Gogoratu maiatzaren 28a, eta berriro sinetsi guregan. Igande honetan, egin ezazu berriro», bukatu du Peralesek.
2023-7-21
https://www.berria.eus/albisteak/230970/boluartek-elkarrizketa-eskaini-die-haren-aurka-protestan-ari-diren-manifestariei.htm
Mundua
Boluartek elkarrizketa eskaini die haren aurka protestan ari diren manifestariei
Peruko presidenteak agenda sozial bat planteatu du, «aldeen artean hitz egiteko eta herrialdearen beharrei erantzuteko». Eragileentzat, ordea, estatuburuaren proposamena «atzerapen maniobra bat da».
Boluartek elkarrizketa eskaini die haren aurka protestan ari diren manifestariei. Peruko presidenteak agenda sozial bat planteatu du, «aldeen artean hitz egiteko eta herrialdearen beharrei erantzuteko». Eragileentzat, ordea, estatuburuaren proposamena «atzerapen maniobra bat da».
Peru krisi politiko eta soziala gainditu ezinik dabilen honetan, milaka herritarrek berriz ekin diete aste honetan Latinoamerikako herrialde horretako gobernuaren aurkako mobilizazioei —Lima hartzeko ekinaldi deiturikoei—, hiriburuan eta beste hiri batzuetan. Iazko abenduaren 7an Pedro Castillo presidente ohia atxilotu zutenetik, milaka manifestarik eskatzen dute Dina Boluarte egungo estatuburuak kargua utz dezala, Kongresua itxi eta batzorde konstituziogile bat eratu dezatela, eta Boluartek hauteskunde orokorretara deitu dezala. Bada, azken bi manifestazioen ostean, Peruko presidenteak agenda sozial bat planteatu zuen atzo, eta elkarrizketarako gonbita egin zien bezperan kalera atera ziren herritarrei, «aldeen artean hitz egiteko eta herrialdearen beharrei erantzuteko» asmoz. Ikusi gehiago: Manifestaldiak Peruko demokraziaren aurkako «eraso argiak» direla dio Dina Boluartek Gobernu Jauregian egin zuen agerraldia Boluartek, atzo, Kongresuko presidente Jose Williams eta lehen ministro Alberto Otarola ondoan zituela. «Aldeen artean dauden distantziak eta iritziak gorabehera, elkarri entzun ahal diogu, oihurik egin gabe. Elkarrizketa zintzoaren bitartez adostasun onak lor ditzakegu». Estatuburuak, gainera, gogorarazi zuen presidente kargua hartu «bezain laster» —abenduaren 7an— egin zuela «herrialdean batasun zabala izateko deia». Halere, azken mobilizazioetara deitu duten zenbait eragilek ez dute begi onez hartu Boluartek eginiko proposamena; Borrokarako Talde Nazional Unitarioko kide Jorge Pizarrorentzat, esaterako, elkarrizketarako eginiko gonbita «atzerapen maniobra bat da, eta hori ez da zintzoa», Espainiako Efe berri agentziari adierazi dionez. «Ez dugu ezer baztertu behar, maniobra hutsa baita», gaineratu du Herrien Biltzar Nazionaleko Batzorde Teknikoko (ANP) kide batek. Beste batzuk, berriz, are gogorrago mintzatu dira presidentearen aurka: «Hiltzaile batekin ezin dugu hitz egin», esan dio Puno eskualdeko ekintzaile Maruja Inquillak Eferi, eta Boluarteri exijitu dio kargua utz dezala. CPI etxeak egindako azken inkestaren arabera, herritarren %80k baino gehiagok agintaria gaitzesten dute. Puno eta herrialdeko hegoaldeko beste eskualde batzuetako manifestarien ordezkaritzetako kide da Inquilla, eta Limara heldu ziren atzo Boluarteren aurkako protestei berriro ekiteko eta justizia eskatzeko, abendua eta otsaila bitartean egindako manifestazioetan hil zituzten 49 lagun —iturri ofizialen arabera— oroituz. Azken egunetan, milaka pertsona bildu dira —21.000, gutxi gorabehera—, Limako hirigune historikoan, Hauteskundeen Epaimahai Nazionaleko (JNE) egoitzaren kanpoaldean, erakunde horren presidente Jorge Luis Salas Arenasi babesa emateko, heriotza mehatxuak jaso dituenez gero, eta demokrazia eskatzeko. Salas Arenasek 2021eko hauteskundeen ostean jaso zituen zemaiak, zehazki, Castillo Peruko presidente izendatu eta gero. Hori dela eta, IACHR Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarrak kautela neurriak ezarri zizkion Salas Arenasi. Bide horretan, IACHRk Giza Eskubideen Auzitegi Interamerikarrari eskatu zion behin-behineko babes neurriak jar diezazkiola Hauteskundeen Epaimahai Nazionaleko presidenteari, «haren eskubideak eta bere familiarenak babesteko». Sei atxilotu Boluarteren arabera, Poliziak gutxienez sei lagun atxilotu ditu azken protestetan, baina, nabarmendu zuenenez, herritar gehienak «modu baketsuan» manifestatu ziren, eta hori «gauza ona» da Perurentzat. «Nire aitorpen zintzoa egiten dut», adierazi zuen, Azpiegituraren Agintaritza Nazionala eratzeko legearen sinaduraren esparruan. Erakunde horrek zeregina izango du obra publikoetan dagoen arrakala soziala murrizteko. Peruko Herriaren Defentsa Erakundearen aurretiazko txostenaren arabera, Limako hirugarren martxan zortzi zauritu egon baziren ere, Osasun Ministerioak jakinarazi zuen 11 izan zirela herrialde osoan. Bestalde, eragileek oraindik ez dute ofizial egin hurrengo mobilizaziorako deialdia, baina eskualdeetako ordezkaritzak Liman daude jadanik, eta datorren astean, uztailaren 28an —Peruko Independentzia Egunean—, espero da herritar gehiago iristea hiriburura. Bien bitartean, Castillok kartzelan jarraitzen du. Auzitegi Goreneko Cesar San Martin epaileak haren defentsaren apelazioa ezeztatu zuen. Horren ondoren, fiskaltzak hemezortzi hilabeteko kartzelaldia eskatu zuen Castillorentzat. Epailearen ustez, presidente ohiak atxilotuta jarraitu beharko luke haren kasua ikertzen den bitartean. Manifestaldien helburuetako bat bihurtu da presidente ohia aske utz dezaten lortzea ere. Parlamentua desegin eta salbuespen gobernu bat osatzeagatik atxilotu zuten Castillo, estatu kolpea leporatuta. Mexikoko enbaxadara asilo politiko bila zihoala atxilotu zuten. Aurreko ostegunean, entzunaldi judizial batean, Castillok adierazi zuen «konplot baten» biktima izan dela. «Ez nago atxilotuta, bahituta baizik», gehitu zuen.
2023-7-21
https://www.berria.eus/albisteak/230971/bizitzaren-garestitzearen-aurka-hirugarren-egunez-jarraian-kalera-irten-dira-kenyan.htm
Mundua
Bizitzaren garestitzearen aurka, hirugarren egunez jarraian kalera irten dira Kenyan
Oposizioko buru Raila Odingak antolatu ditu mobilizazioak, Kenyako Gobernuak onartutako zerga igoeren harira. Aste honetan, gutxienez sei lagun hil eta hirurehundik gora atxilotu ditu Poliziak.
Bizitzaren garestitzearen aurka, hirugarren egunez jarraian kalera irten dira Kenyan. Oposizioko buru Raila Odingak antolatu ditu mobilizazioak, Kenyako Gobernuak onartutako zerga igoeren harira. Aste honetan, gutxienez sei lagun hil eta hirurehundik gora atxilotu ditu Poliziak.
Kenyako Gobernuak iragarritako zerga igoeren harira, oposizioko buru Raila Odingak hiru eguneko mobilizaziora batzeko deia egin zuen asteartean, eta gaur da, berez, azken protesta eguna. Halere, Odingak ohartarazi duenez, mobilizazio gehiago antolatuko dituzte datozen asteetarako. «Finantza lege hori hilkutxako azken iltzea izango da. Indarrean jartzen badute, kenyarrak zergen esklabo izango dira». Gutxienez sei lagun hil, ehunka zauritu eta hirurehundik gora atxilotu dituzte aste honetako protestetan —atxilo eramandakoen artean daude oposizioko alderdietako bederatzi kide—. Nazioarteko zenbait GKE gobernuz kanpoko erakundek salatu dutenez, Polizia «gehiegizko indarkeria» erabiltzen ari da manifestarien aurka. Izan ere, joan den astean hamalau pertsona hil ziren protestetan —Poliziak tiro eginda hil ziren horietatik hamar—, eta, iragan martxoan mobilizazioak hasi zituztenetik, 30 herritar baino gehiago hil ditu tiroz Poliziak. Are, herrialdeko hedabideen arabera, Polizia negar gasa erabiltzen ari da manifestarien aurka. Baita protestetara hurbildu ere egin ez direnen aurka ere. Herenegun, Poliziak negar gasa jaurti zuen Nairobiko ikasgela batera, eta 50 haur baino gehiago eraman behar zituzten ospitalera. Protesta jendetsuenak Nairobin egiten ari dira, baina herrialde osora zabaldu dira manifestazioak, hala nola Kisumura (mendebaldean), Mombasara (hegoaldean) eta Nakurura (erdialdean). Ehunka zauritu eta dozenaka hildako izan dira zergen igoeraren aurkako protestetan, baina, Azimio la Umoja oposizioko koalizioko kide Opiyo Wandayiren arabera, mobilizazioak «oso arrakastatsuak» ari dira izaten. «Eskerrak ematen dizkiegu Kenyako herritarrei, erregimen drakoniar honek ezarritako zergen inguruko haserrea adierazteagatik». AEB Ameriketako Estatu Batuek bultzatuta, bi aldeei elkartzeko deia egin diete Kenyan ordezkaritza duten hamahiru diplomazialarik, eta eztabaidetan bitartekari gisa parte hartzeko prest agertu dira. Eskaerari erantzunez, Kenyako presidente eta zergen igoeraren sustatzaile William Rutok esan du «prest» dagoela Odingarekin hitz egiteko, baina ez duela, «inola ere», oposizioarekin gobernua partekatuko. Gobernuak lege proiektua aurkeztu zuenetik, bi mobilizazio handi antolatu ditu oposizioak. Zerga igoeraren aurkako mezuak bidaltzeaz gain, Afrika ekialdeko bizitzaren garestitzea ere salatzen dute manifestariek, baita iaz Kenyako presidentetzarako hauteskundeetan «iruzurra» egin izana ere. Boto gehien Rutok lortu zuen, baina alde txikia atera zion oposizioko buruari: botoen %50,49 eskuratu zituen presidenteak, eta %48,85 Odingak. Zergen igoera, protesten pizgarri Rutok ekainaren 26an onartu zuen Zerga Igoeraren Finantza Lege proiektua. Berez, zergen igoerek uztailaren 1ean sartu behar zuten indarrean, baina igoerak behin-behinean eten zituen Nairobiko Auzitegiak, oraindik legearen inguruko zenbait prozedura juridiko osatzeko daudelako. Edonola ere, igo egin dituzte petrolio produktuen zergak, eta, ondorioz, litekeena da garraio publikoa ere garestitzea. Hain justu, lege proiektu horrek %1,5 igoko du etxebizitzaren gaineko zerga, eta %8tik %16ra petrolio produktuena. Are, %16 igoko du Polizia agenteek aseguru konpainien aldetik konpentsazio gisa jasotzen duten diruaren BEZ balio erantsiaren gaineko zerga. Presidentetzarako hauteskundeetako kanpainan, Rutok zin egin zuen bizitza garestitzearen aurkako neurriak hartuko zituela. Baina presidente kargua hartzearekin batera —irailean izendatu zuten gobernuburu—, 61 mila milioi dolarreko zorra ere hartu zuen bere gain. Orduan, erregaien diru laguntzak kendu zituen, eta nabarmen igo ziren oinarrizko produktuen prezioak, hala nola ogiarena eta irinarena. Oldarraldiak oldarraldi, Rutok mezu irmoa helarazi dio gaur oposizioko buruari: «Protestek ez dute tokirik hemen. Entzun arretaz: ezin dituzu konstituziotik eta bide judizialetik kanpoko baliabideak erabili Kenyako Gobernuaren agintea eskuratzeko. Itxaron 2027. urtera arte, eta berriz irabaziko dut».
2023-7-23
https://www.berria.eus/albisteak/230973/hasierak.htm
Kultura
Hasierak
Mikel Ayllonen (Laudio, Araba, 1980) lehenengo liburua Gerezi gorrien garaia (Txalaparta, 2005) izan zen, Paul Asensiorekin lau eskutara idatzi eta Haika gazte erakundearen kontrako operazioa kontatzen zuena —Ayllon bera espetxeratuta izan zen—. 2015ean, Ez tiro egin anbulantziei (Elkar) nobela argitaratu zuen, eta, 2020an, berriz, Zoriontsuak izatea aukeratu genuen ipuin liburua (Elkar) —Donostia Hiriko Kutxa saria irabazi zuen—. Antzerki lanak ere idatzi eta zuzendu ditu.
Hasierak. Mikel Ayllonen (Laudio, Araba, 1980) lehenengo liburua Gerezi gorrien garaia (Txalaparta, 2005) izan zen, Paul Asensiorekin lau eskutara idatzi eta Haika gazte erakundearen kontrako operazioa kontatzen zuena —Ayllon bera espetxeratuta izan zen—. 2015ean, Ez tiro egin anbulantziei (Elkar) nobela argitaratu zuen, eta, 2020an, berriz, Zoriontsuak izatea aukeratu genuen ipuin liburua (Elkar) —Donostia Hiriko Kutxa saria irabazi zuen—. Antzerki lanak ere idatzi eta zuzendu ditu.
—Joan zaitez popatik hartzera! —Joango nintzateke gustura, bai. Zure zakil melenga horrekin ez baitago nork gozatu! Plantxa belarri ondotik hegaka pasa zaio Aierti. Ziztua nabaritu du, eta burdinaren hotza. Kristalezko xake-taula baten gainean lur hartu du. Zati txikitan apurtu eta zorua peoi, dorre eta erregina puskez bete da. Kristal hautsiei begira geratu dira biak istant batez. Menia labur bat. Dolu une bat hildako soldadu guztiengatik. Albo-kalteak. Eta sua eta lokatza berriro. —Dena errazagoa izango zen normal egingo bagenu, beti gorputza bihurritzen eta akrobaziak egiten ibili beharrean. Nirekin baino etorkizun gehiago izango duzu zirkuan. —Lehen gustatzen zitzaizun, ba! —Lehen maite ninduzun, ba! —Orain ere bai, baina jasanezina zara. —Hurrengoan ez dut hutsik egingo, Aiert. Kopetaren erdi-erdian emango dizut. Arasaren gainean topatu duen lehenengo gauza hartu du. Argazki bat, egurrezko markoarekin. Hondartza bat, eta bereizi ezin daitezkeen zerua eta itsasoa. Eta haiek biak, alkandora hawaiiarrekin. —Beti berdin. Argudiorik gabe geratzen zarenean, jo eta burua ireki nahi didazu. —Ikusteko zer hutsik dagoen —hartutako lekuan utzi du atzera argazkia. —Ez al dakizu irainik gabe hitz egiten? —Zer uste duzu? Oihurik egin gabe hitz egiten duzulako ez didatela zure hitzek minik egiten? Gaixorik zaude! —Eta ekin... —Ostia! Egon isilik behingoz, e. Ezin dut gehiago. —Ez dakit zergatik atera nintzen gau hartan tabernatik zurekin. —Hanka-sartze izugarria izan zen, argi dago. Normala ematen zenuen, eta interesgarria. Horregatik hurbildu nintzen ni. Eta begira orain. —Orain, zer? —Anormal totala zarela. —Nik ere badakit iraintzen, e, maritxu urdanga hori! Zer nahi duzu, horrela hastea? —Hara! Piztu da gure piztitxoa. —Utzi bakean. Sofan eseri da Aiert. Eskuen artera abaildu zaio burua. Negarrez ari da. Isilean. —Orduan, ez didazu erantzungo, ezta? etenik egin gabe ebaki ditu silaba guztiak, negarra disimulatuz. —Erantzun, zeri? —Ahaztu zaizu zergatik hasi den xextra hau guztia, ezta? —Ahaztu? Baita zera ere! Nazkagarri hutsa zarelako. Maite nauzula esaten duzulako, baina ez da egia. Ez da sekula egia izan. —Hori ere ahaztu duzu, orduan. Sofa honetan nire gainean eserita zeunden egun hura. Begietara begira biok. Eta nola denbora gelditu genuen. Nola ez zegoen beste ezer munduan. Nola... —Utzi tragikomediak, mesedez. Sofatik altxatu da Aiert eta sukaldera alde egin du, suminduta. Orain, derrigor segi beharko dute oihuka. —Ezin dut gehiago, Aiert. Ezin dut. Ez didazu onik egiten. Ez gara zoriontsuak. Ez gara sekula izango. —Ba al dakizu zer izango garen hemendik aurrera? Hala-moduzko pertsona grisak, sekula berriro maiteminduko ez direnak. —Zazpi hilabete besterik ez ditugu eman elkarrekin, motel. Egon lasai, maiteko duzu beste inor bihar, edo etzi. —Badakit ezetz. —Kito. Nire etxetik joan behar duzu. —Orain? —Bai, orain. —Baina gauerdia da. Goiz jaiki behar dut bihar lanerako. —Ospa. Egongelara itzuli da Aiert. Aurrez aurre daude biak berriro. Lubakirik gabeko bi soldadu patetiko dira. —Jon, arren. Ez al ginen elkarrekin bizi behar? Esadazu zer nahi duzun... —Zuk hanka egitea. Orain. Eta hartu zure gauzak. —Baina ez daukat ezer hemen. Ez zenuen nahi... —Hartu laneko orgatxoa eta segi. Amaitu da, Aiert. —Seguru ez... Ez du esaldia amaitu. Jon jiratu eta leihora hurbildu da, eta, pertsiana jaitsita duen arren, kanpora begiratzeko imintzioa egin du. Ez dio bizkar bati erreguka hasi nahi. Hondoa jo eta xake-taula baino zati txikiagoetan haustea izango zen. Aiert ere jiratu da, aterantz, eta alde egin du, orgatxoa hartuta, atzerantz behin, bitan so eginez, Jonen begiekin berriro topo egiteko esperantza nahiko antzuaz. Danbateko batez itxi du atea, ahal izan duen zartako bortitzenaz. Azken granada bat. Gero, eskuak jarri ditu ate gainean, eta egurra laztandu, eskaileretan behera desagertu aurretik. Ataritik atera bezain laster oles egin dio udak. Zaplazteko baten modukoa izan da hego-haize zakarra. Gau betea den arren, bekainak erre beharrean sentitu ditu Aiertek. Arnasa sakon hartu behar izan du oinez hasi aurretik, eta parez pare daukan itsasadarraren zikin guztia sudur-zuloetatik gora igo zaio, burmuineraino, pentsamenduak areago lausotuz. Nora joan ez dakizunean, hiriak erabakitzen du nora eraman nahi zaituen. Ez dizu argi esango. Menturaz, galduta zabiltzan irudipena izango duzu tarte batez, ohi baino dorpeago mugitzen dituzula oinak, bideak ez duela helmuga jakinik. Irudipenak, besterik ez. Hiria prezisio doiz engranatutako labirinto bat da, barrura sartzen den inurri bakoitzarentzat norabide desberdin bat daukana, sekula irtetea lortuko ez duzun arren. Beste hasiera bat. —Polit hori, seguru eramango duzula hor gutunen bat guretzat. Lau neska gazte dira, edalontzi bana eskutan, orekari eusteko lanari emanak, inguruko tabernaren batetik atera berriak. Aiertek arrastaka daraman Correoseko orgatxo horia seinalatzen ari da haietako bat. —Esadazu mutil-lagunak idatzi didala, barkamena eskatzeko. Zikin putrea! Haren zakil bigun hori berriro ahora sartu aurretik, haren aitarekin ere egingo nuke larrutan! Barre-algarekin saritu du koruak desmasia. Luzeenari, deskuiduan, eskutik ihes egin dio edalontziak, eta lurraren kontra hautsi da. Algara algararen gainean. Orgatxoari tira egin dio Aiertek, zer esan asmatu ezinda, esan nahian bezala ez dagoela gaur haren mutil-lagunaren gutunik. —Esaiozu urde horri ez diodala barkatzen. Hiriak hasiera bat dauka beti. —Eta ez naizela sekula aldatuko! Nahi ez baduzu ere. Ilun dago erribera. Orgatxoari ipurditik heldu dio Aiertek eta buruz behera jarri du itsasadarraren gainean. Gutun-maluta zuriak erori dira ur uherrera. Denbora gelditu nahiko luke berriro. Amaiera bat, arnasa hartzeko. Baina ekialdetik zerua urratzen hasi dira lehen argi-printzak, ia oharkabean.
2023-7-21
https://www.berria.eus/albisteak/230974/osakidetzako-larrialdietako-egoera-jasanezina-dela-salatu-dute-langileek.htm
Gizartea
Osakidetzako larrialdietako egoera «jasanezina» dela salatu dute langileek
ELA, CCOO, LAB, SATSE, ESK, SME eta UGT sindikatuek deituta, protesta egin dute Eusko Legebiltzarraren atarian. Ohartarazi dute lan baldintzak «okertu» egin direla eta horrek eragina duela pazienteen arretan.
Osakidetzako larrialdietako egoera «jasanezina» dela salatu dute langileek. ELA, CCOO, LAB, SATSE, ESK, SME eta UGT sindikatuek deituta, protesta egin dute Eusko Legebiltzarraren atarian. Ohartarazi dute lan baldintzak «okertu» egin direla eta horrek eragina duela pazienteen arretan.
Osakidetzako larrialdietako langileek berriro ere altxatu dute ahotsa euren lan egoera salatzeko. Gaur, dozenaka behargin elkartu dira Eusko Legebiltzarraren aurrean protesta egitera, ELA, CCOO, LAB, SATSE, ESK, SME eta UGT sindikatuek deituta. Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak bat egin du protestarekin, eta, bilkura amaituta, langileen batzordeko ordezkaritza batekin bildu da, haien aldarrikapenak jasotzeko. Osakidetzako larrialdiei erantzuten dieten langileek eta anbulantzietan behar egiten dutenek egin dute protesta. Haien izenean mintzatu da Ander Gabigagogeaskoa Gernikako (Bizkaia) anbulantzia medikalizatuko teknikari eta ELAko ordezkaria. Salatu du larrialdietako egoera «jasanezina» dela eta langileen baldintzek okerrera egin dutela: langileak falta dituzte, «gainkarga fisikoa» dute, eta «nekatuta» eta «nazkatuta» daude. Kezkatuta hitz egin du Gabigagogeaskoak, «urteko egun guztietako 24 orduak betetzeko» beharrezkoak diren gutxieneko zerbitzuak betetzen ez direlako. «Horrela ezin diegu pazienteei kalitatezko arreta bermatu», ohartarazi du. Ekainaren 5ean Osakidetzako Larrialdietako zuzendari Oscar Allerrek Eusko Legebiltzarrean emandako azalpenek «ezinegon handia» sortu dute langileen artean, ELAko ordezkariak azpimarratu duenez. Uste du Allerrek erantzun gabe utzi zituela galdera asko; tartean, Langraizen (Araba) anbulantzia medikalizatu bat ezartzeak langileen eskubideetan izango dituen ondorioei lotutakoak. Sindikatuetako ordezkariak uste du langileen eskubideak «prekarizatu» egingo direla, «gabeziak» dituelako langile kopuruari eta txandei lotutako antolaketak. Langile batzordeak hilabeteak daramatza egoera horretaz ohartarazten, baina larrialdietako zuzendaritzak ez du erakusten negoziatzeko borondaterik, Gabigagogeaskoak salatu duenez. Gogor kritikatu du haren kudeaketa: «Hiru urte dira zuzendaria gure erakundera iritsi zela, eta, arazoak konpondu beharrean, larriagotu egin ditu. Oscar Aller eta haren zuzendaritza taldea ez dira gai gure erakundearen premia larriei erantzuteko». Gaurko protestan, sindikatuek adierazi dute Osakidetzako larrialdietako langileen aldeko apustua eginda «Euskal Herriko gizartearen alde ere» egiten dela. Horiek horrela, egoera «desblokeatzeko» eta larrialdiak «desegiteko fasea» gelditzeko deia egin diote zuzendaritzari: «Erantzukizunez jokatzeko eskatzen diogu, beste aitzakiarik jarri gabe, larrialdien onerako eta Osakidetzaren onerako izango baita».
2023-7-21
https://www.berria.eus/albisteak/230976/psoeren-aldeko-botoa-eskatu-du-txibitek-eskuina-geldiarazteko.htm
Politika
PSOEren aldeko botoa eskatu du Txibitek, «eskuina geldiarazteko»
PSNko Maria Txibitek, adierazi du sozialisten alde egitea «aurrerapena» bultzatzea dela.
PSOEren aldeko botoa eskatu du Txibitek, «eskuina geldiarazteko». PSNko Maria Txibitek, adierazi du sozialisten alde egitea «aurrerapena» bultzatzea dela.
PSOEren alde bozkatzeak zer ekarriko duen azaldu du Nafarroako Gobernuko jarduneko lehendakari Maria Txibitek, Espainiako Gorteetarako hauteskunde kanpainako azken egunean. Uztailaren 23an bozkatzea «beharrezkoa» dela adierazi du, jokoan dagoelako eskubideetan «aurrera» edo «atzera» egitea: «PSOEri botoa ematea aurrera egitea da, hala nola giza eskubideetan eta garapen ekonomiko inklusibo eta jasangarrietan». Horrez gain, azaldu du zer ekarriko duen eskuinari botoa emateak; hain zuzen ere, «atzera» egitea: «Kultur lanak eta haurrendako filmak zentsuratu dituzte, LGTBI kolektiboa ikusezin bilakatzen ari dira, eta indarkeria matxista eta klima aldaketa ukatzen ari dira». Gaineratu du jokoan daudela Nafarroako eskumenak: «Francok bezala, trafiko eskumena kendu nahi digute, eta dena zentralizatu». Halaber, nabarmendu du beste esparru askotan eskuinaren politikek zerikusi «handia» dutela frankismoarekin. Horregatik, bozkatzearen garrantzia azpimarratu, eta «etxeetan botorik ez geratzeko» deia egin du.
2023-7-21
https://www.berria.eus/albisteak/230977/feijook-onartu-du-marcial-dorado-kontrabandista-zela-elkar-ezagutu-zutenean.htm
Mundua
Feijook onartu du Marcial Dorado «kontrabandista» zela elkar ezagutu zutenean
PPko presidentegaiak deitoratu egin ditu Pedro Sanchezek bere kontra egindako «azpijokoak». Junquerasek dio «harrigarria» dela orain arte ezer aitortu ez izana.
Feijook onartu du Marcial Dorado «kontrabandista» zela elkar ezagutu zutenean. PPko presidentegaiak deitoratu egin ditu Pedro Sanchezek bere kontra egindako «azpijokoak». Junquerasek dio «harrigarria» dela orain arte ezer aitortu ez izana.
«Nik ezagutu nuenean kontrabandista zen, ez narkotrafikatzailea». Horrela mintzatu da Alberto Nuñez Feijoo PPko presidentegaia Marcial Doradoz. Gaur egin ditu adierazpenak, irratiko elkarrizketa batean. Hala, Pedro Sanchezek bere kontra egindako «azpijokoak» deitoratu ditu, eta gogoratu du Sanchezek «ederki» dakiela «inoiz» ez duela «zerikusirik izan» narkotrafikatzailearen jarduerekin. Adierazpen horiek Sanchezek eskatutako azalpenen artean egin ditu, nabarmenduz orain dela 30 urte baino gehiago gertatutako afera dela, eta jada azalpenak eman dituela horri buruz. Feijook dio bertze hauteskunde kanpaina batzuetan erabilitako argudioa dela, baina ez zuela espero Espainiako hauteskundeetan «aurkariari ospea kentzeko» gaia berriz ere ateratzea. «Sanchezen hemeroteka eta Yolanda Diazen argazkiak hartuko banitu, diktadoreekin agertzen dira, narkotrafikoaz akusatuta dauden pertsonekin, eta Schengen lurraldera sartzeko debekuagatik Europako Batasunean sartu ezin ziren pertsonekin», adierazi du. Hala ere, azaldu du politikan 30 urte egon eta gero, bera ezagutzen duten galiziarrek «ongi dakitela zer desberdintasun dagoen» pertsona bat ezagutzearen eta harekin merkataritza harremana izatearen artean. Eta hori argi gelditzen dela lau gehiengo oso lortu eta gero. Bereizketa Oriol Junqueras ERCko presidenteak adierazpenak egin ditu: «[Feijoo] bere burua zuritzen saiatzen bada bere lagun Marcial Dorado narkotrafikatzaile eta kontrabandista izatearen artean bereizketa eginez, horrek ondo erakusten du zein den haren maila etikoa eta morala». Orain arte aitortza hori egin izana «harrigarria» dela dio; izan ere, «argazki askotan ematen zuen elkar ezagutzen zutela».
2023-7-21
https://www.berria.eus/albisteak/230978/hondeagailu-batekin-egindako-indusketa-lanek-iruna-veleiari-kalte-egin-diotela-salatu-dute.htm
Kultura
Hondeagailu batekin egindako indusketa lanek Iruña-Veleiari kalte egin diotela salatu dute
Iruña-Veleia Martxan taldeak jarri du salaketa, Arabako Probintzia Auzitegian. Diputazioak konspiratzailetzat hartu du salaketa, eta ziurtatu du prestigioa kendu nahi dietela.
Hondeagailu batekin egindako indusketa lanek Iruña-Veleiari kalte egin diotela salatu dute. Iruña-Veleia Martxan taldeak jarri du salaketa, Arabako Probintzia Auzitegian. Diputazioak konspiratzailetzat hartu du salaketa, eta ziurtatu du prestigioa kendu nahi dietela.
Iruña-Veleia Martxan taldeak salatu du Arabako Diputazioak hondeamakina batekin egindako indusketa lanek biziki hondatu dutela aztarnategi arkeologikoa. Arabako Probintzia Auzitegian jarri dute salaketa, baina oraindik ez dute inolako erantzunik jaso. Xabier Gorrotxategi arkeologo eta Geografia doktorearen ustetan, indusketa lan horiek ez dute balio arkeologikorik, aztarnategian kalteak besterik ez dutelako eragin. Elkartearen arabera, zehazki, hiru metro zabal, ehun metro luze eta metro bat baino gehiago sakon den zulo bat egin dute aztarnategiko harresian. Horrez gain, hiru metro eta erdiko luzera duen zulo bat egin dute harresi horretako atean, urteetan zehar bertan sortutako geruzak apurtuz. Grafitoen egiazkotasuna ikertzeko, gainera, behar bezalako froga arkeometrikoak egiteko eskatu dio elkarteak diputazioari. Diputazioak, berriz, konspiratzailetzat hartu du salaketa, eta zalantzan jarri du salaketaren funtsa. Ziurtatu du Iruña-Veleian egiten ari diren lanak «profesionalak» direla, eta arkeologia kalitate irizpide guztiak betetzen dituztela indusketa lanak egiteko. Iruña-Veleia Martxan taldeari leporatu dio langileen prestigioa deuseztatzeko kanpaina bat egiten ari direla, eta teoria faltsuak defendatzen dituztela.
2023-7-22
https://www.berria.eus/albisteak/230979/emakume-batek-lassalle-salatu-du-bortxaketagatik.htm
Gizartea
Emakume batek Lassalle salatu du bortxaketagatik
Erran du 2010ean gertatu zela erasoa, eskualdeko bozetan haren aldeko kanpaina egiten ari zela.
Emakume batek Lassalle salatu du bortxaketagatik. Erran du 2010ean gertatu zela erasoa, eskualdeko bozetan haren aldeko kanpaina egiten ari zela.
Jean Lassalle Pirinio Atlantikoetako diputatu ohiaren kontrako salaketa ezarri du emakume batek, bortxaketagatik. 2010ean gertatu zen erasoa, Bordeleko (Okzitania) hotel batean; emakumea Lassallekin harremanetan jarri zen orduan, haren alabaren eskolarekin arazo bat zuelako. Hautagai guziei dei egin ondoan, Lassalle izan zen erantzun zion bakarra, eta, harrezkero, haren aldeko kanpaina egiten aritu zen eskualdeko bozentzat. Kontatu duenez, gizonak hitzordua eman zion hotel batean, kanpaina bilera bat egingo zutelakoan, baina iritsi bezain laster eraso egin zion. Garai hartan, emakumea haurdun zegoen, eta, salaketan adierazi duenez, Lassalleri errana zion. Bordeleko prokuradoreak baieztatu du ikerketa bat ireki duela, eta lekukoak entzuten ari direla. Jean Lassalle bera ere elkarrizketatzekoa dute datozen egunetan. Me Too mugimenduaren garaian ere, 2017an, sexu jazarpena egiteaz akusatu zuten lau andrek, hala nola Colette Capdevielle garaiko diputatu sozialistak. Garai hartan, BERRIArekin hitz egin zuen Capdeviellek, eta pairatu zituen erasoak kontatu. Erran zuen ipurdia ukitu izan diola. Beste egun batekoa ere azaldu zuen: eraikin berean zuten diputatu bulegoa, eta dutxara jaitsi zen Capdevielle. «Bainu soineko bat neraman, eta dutxa libre baten bila nenbilen. Ate bat ireki nuen, eta Lasalle topatu, galtzontzillotan. Atea ixteko zeukan, eta bota zidan: 'Zatoz nirekin dutxatzera!'. Alde egin nuen». Hurrena topo egitean «oso deseroso» sentiarazi zuen: «dutxako neska laguna» zela esan zion.
2023-7-21
https://www.berria.eus/albisteak/230980/ppk-uko-egin-die-eh-bildurekin-banatu-dituen-gasteizko-batzordeei.htm
Politika
PPk uko egin die EH Bildurekin banatu dituen Gasteizko batzordeei
Koalizio abertzaleak sei batzorde gidatuko ditu Gasteizko Udalean, eta PP beste bostak gidatzekoa zen, baina uko egin die, Beatriz Artolazabal EAJko zinegotziak «itun» hori salatu eta gero. Espainiako Gorteetarako hauteskundeen kanpainaren azken orduetan, EAJko kideak «EH Bilduren zinismoa» salatu du.
PPk uko egin die EH Bildurekin banatu dituen Gasteizko batzordeei. Koalizio abertzaleak sei batzorde gidatuko ditu Gasteizko Udalean, eta PP beste bostak gidatzekoa zen, baina uko egin die, Beatriz Artolazabal EAJko zinegotziak «itun» hori salatu eta gero. Espainiako Gorteetarako hauteskundeen kanpainaren azken orduetan, EAJko kideak «EH Bilduren zinismoa» salatu du.
Espainian, hauteskunde kanpainaren azken orduetan eragina izan dezakeen ustezko akordio baten berri eman du Gasteizko Udal gobernuko zinegotzi Beatriz Artolazabalek. EAJko kideak salatu du Gasteizko EH Bildu eta PP ados jarri direla udaleko batzorde guztien presidentetzak banatzeko. «Itun» horren arabera, koalizio abertzaleak sei batzorde gidatuko ditu, eta beste bostak PPren esku geratu dira. Bien artean hamahiru boto elkartu dituzte, udal gobernua osatzen duten alderdiek (PSE-EE eta EAJ) baino bat gehiago. Elkarrekin Gasteiz koalizioak, bi botorekin, ez du galarazi batzordeen banaketa hori. Salaketa horren ostean, ordea, PPren ukoa iritsi da. Eskuineko alderdi horrek ez ditu edukiko batzordeetako presidentetzak, azkenean. Atzera egitea erabaki berri du, «gertaeren inguruko nahasmena» eragin dutelako, haren ustez. Gasteizko Udaleko batzordeen presidentetzak oposizioko indarren artean banatu izan dira azken urteetan, udal gobernuan dauden alderdien oniritziarekin. Oraingoan, EH Bilduk eta PPk beren artean banatzea adostu dute, nahiz eta PPk ez dituen izango, azken orduko erabakia dela medio. Koalizio abertzaleko zinegotzi Rocio Vitero alkategaiak lortu zuen boto gehien maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan, baina bigarren indarreko hautagai Maider Etxebarriak (PSE-EE) lortu zuen aginte makila, EAJrekin akordioa egin eta PPren babes erabakigarria lortuta. PPk, ordea, ohartarazi zuen gehiengo hori soilik alkatea izendatzeko zela, eta esan zuen aske zela aurrerantzean nahieran aritzeko udalean. Batera edo bestera, Artolazabalek salaketa argia egiteko baliatu du Gasteizko batzordeen banaketa, eta ikusteko dago salaketa horrek zer bide egingo duen kanpainaren azken orduetan, batez ere Espainian. PPren ukoak zulo hori estaltzeko helburua luke, izan ere. «Gaur, udal honetan, EH Bilduk eta PPk negoziatzeko, adosteko eta itunak egiteko izan duten lehen aukeran, hori bera egin dute», esan du Artolazabalek. Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburu ohiak Gorka Urtaran alkatearen lekukoa hartu zuen aurreko bozetan, EAJk aginte makilari eusteko aukera hobeak izango zituelakoan, baina laugarren indarra bihurtu zen EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta PPren atzetik. Artolazabalek «ezker abertzalearen zinismoa» kritikatu du, azken asteetan elikatu egin duelakoan EAJk «Feijooren PPrekin» akordioa egin dezakeelako ideia. «Kanpaina osoa darama gu PPrekin ados jarri garela esanez, baita Voxekin ere, hori gezur borobila dela dakiten arren, jende guztiak bezala». EAJko kideak nabarmendu du EH Bilduk eta PPk «negoziazioetatik kanpo utzi» dituztela gainerako alderdi politikoak: «Alderdi bi horiek, gainerakoak kanpoan utzirik, eseri egin dira, ados jarri, eta elkar babestu dute udal batzordeen presidentetza guztiak bien artean banatzeko. Guztienak. Agiri bat egin dute, besteokin kontrastatu gabe. Ez dira akordioa lortzen saiatu. Ez digute informaziorik eman», adierazi du. PPk, berriz, esan du gertaerak ez direla horrela izan, presidentetza horiek oposizioko indarren artean banatu izan direla, eta oraingoan ere gainontzeko alderdiak ados zirela; hain zuzen, Artolazabalek esandakoaren aurkakoa defendatu du. Horiek horrela, PPren esku zeuden presidentetzak EAJ eta PSE-EEren esku geldituko dira. Artolazabalen salaketak berehalako ondorioak izan ditu, beraz, eta ikusteko dago Espainian zulorik eragingo ote dion PPri.
2023-7-21
https://www.berria.eus/albisteak/230981/33-urteko-langile-bat-hil-da-gasteizen-makina-batek-harrapatuta.htm
Ekonomia
33 urteko langile bat hil da Gasteizen, makina batek harrapatuta
Betoñuko industrialdeko enpresa batean jazo da ezbeharra, 12:00ak aldera
33 urteko langile bat hil da Gasteizen, makina batek harrapatuta. Betoñuko industrialdeko enpresa batean jazo da ezbeharra, 12:00ak aldera
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak emandako informazioaren arabera, 33 urteko langile batek bizia galdu du gaur Gasteizen, lantegiko makina batek harrapatuta. 12:00ak aldera izan da istripua, Arabako hiriburuko Betoñuko industrialdean, Barratxi kalean. Larrialdi zerbitzuak lantegira bertaratu dira, baina istripua jazotako lekuan hil da langilea. LAB sindikatuaren arabera, istripuaren xehetasunek iradokitzen dute enpresak makinen mantentzearen araudia ez betetzeagatik jazo dela ezbeharra, eta enpresa jo du langilearen heriotzaren erruduntzat. Hain justu, hainbat sindikatuk beste langile baten heriotza salatu dute gaur. Asteartean izan zen istripua: kamioilari bat errepidetik atera zen, Murillo el Cuende herrian (Nafarroa), N-121 errepidetik aterata. Faltzeskoa (Nafarroa) zen kamioilaria. Iruñean egin dute lan heriotza hori salatzeko elkarretaratzea. Bestalde, LAB sindikatuak gaur jakinarazi duenaren arabera, astelehenean istripu ez-traumatiko batean langile bat hil zen Arrasaten (Gipuzkoa), eta asteartean, Arrasaten halaber, beste langile bat larri zauritu zen, makina batek harrapatuta. Joan den asteburuan ere beste langile bat hil zen antzeko egoera batean, Erandion (Bizkaia).
2023-7-21
https://www.berria.eus/albisteak/230982/tony-bennett-abeslari-estatubatuarra-hil-da.htm
Kultura
Tony Bennett abeslari estatubatuarra hil da
AEBetako errepertorio klasikoa abesteak egin zuen ezagun. 1950eko hamarkadan lortu zuen arrakasta lehenengoz, eta handik 40 urtera, telebistaren eta kolaborazioen bitartez.
Tony Bennett abeslari estatubatuarra hil da. AEBetako errepertorio klasikoa abesteak egin zuen ezagun. 1950eko hamarkadan lortu zuen arrakasta lehenengoz, eta handik 40 urtera, telebistaren eta kolaborazioen bitartez.
Tony Bennettek AEBetako errepertorio klasikoaren arrastoari jarraitu zion haren abeslari ibilbidean. Jazz estandarrek eta balada klasikoek egin zuten ezagun; haren Blue Velvet eta I Left My Heart in San Francisco abestiek, esaterako, arrakasta handia izan zuten, nagusiki haren herrialdean bertan. 50 milioi disko baino gehiago saldu zituen mundu osoan, eta urte askoan aritu zen lanean: orain dela bi urte grabatu zuen bere azken diskoa, Lady Gagarekin batera (Love for Sale). Gaur hil da, 96 urte zituela. Bennetten eta Lady Gagaren munduak urte batzuk lehenago elkartu ziren, hala ere: 2015ean atera zuten Cheeck to Cheek elkarrekin. Ordurako, Lady Gagak ibilbide arrakastatsua egina zuen pop musikan, eta XX. mendeko abesti ezagunak kantatu zituen garai horrek zuen ordezkaririk behinenetako batekin. Bennetten ibilbidea luzea bezain gorabeheratsua izan zen. 1951n argitaratu zuen bere lehen kantu arrakastatsua, Because of You, eta gehiago egin zituen ondorengo urteetan: Rags to Richies abestia eta The Beat of My Heart (1957) eta Basie Swing (1959) diskoak, besteak beste. 1962an grabatu zuen bere kanturik ezagunenetako bat: I Left My Heart in San Francisco. Rockaren urteak ez ziren urte onak izan Bennettentzat, eta ez soilik entzule askok nahiago zutelako beste musika estilo batera jo, abeslariaren bizitzak ere gorabeherak izan baitzituen 1970eko eta 1980ko urteetan. 1990eko hamarkadan, berriro zabaldu zen haren izena AEBetako musikazaleen artean, bereziki MTV telebista katean egindako emanaldien bitartez. Ibilbide horretan, sari ugari eskuratu zituen: hemeretzi Grammy —tartean, ohorezkoa, 2001ean— eta bi Emmy, besteak beste. Lady Gagarekin ez ezik, Amy Winehouserekin, John Mayerrekin eta Elton Johnekin ere kolaboratu izan zuen 2000ko urteetan. Arrakastarik handiena, dena dela, Cheek to Cheek-ek ekarri zion: milioi bat disko baino gehiago saldu zituzten. Abeslari ezaguna izan zen belaunaldi batentzat baino gehiagorentzat, hain justu, musika argitaratzen eta kontzertuak ematen aritu zelako bizitza osoan, baita 90 urte baino gehiagorekin ere. Frank Sinatraren ustez, «negozioko abeslaririk onena» zen; MTVren eta azken kolaborazioen bidez ezagutu zutenentzat, beste garai batzuen ikur bat.
2023-7-21
https://www.berria.eus/albisteak/230983/gipuzkoako-67-urteko-mendizale-bat-hil-da-pirinioetan.htm
Gizartea
Gipuzkoako 67 urteko mendizale bat hil da Pirinioetan
Atzo galdu zen, beste bi lagunekin zihoala. Gaur goizeko 11:15ean aurkitu dute haren gorpua, Panticosan (Espainia)
Gipuzkoako 67 urteko mendizale bat hil da Pirinioetan. Atzo galdu zen, beste bi lagunekin zihoala. Gaur goizeko 11:15ean aurkitu dute haren gorpua, Panticosan (Espainia)
67 urteko mendizale gipuzkoar bat hil da Panticosan (Espainia). Atzo galdu zen gizona, eta gaur goizeko 11:15ean aurkitu dute gorpua, Pico de Fazerasko sakan batean. Hileta zerbitzuek eraman zuten Huescako probintziako (Espainia) ospitalera. Bi lagunekin joan zen mendira. Halako batean, beste bi lagunengandik aldendu zen, eta lagunek ez zuten berriro aurkitu. Horiek abisua eman zuten, eta mendiko erreskate taldeak joan ziren, pertsonak bilatzeko txakurrekin eta Huescako aireko unitateko pertsonalarekin batera. Atzo arratsaldean hasi ziren bilatzen, eta goizaldeko hiruretan gelditu zuten. Gaur goizean berriro ekin diote bilaketari, eta 11:15ean aurkitu dute gorpua, Pico de Fazeraseko sakan batean.
2023-7-21
https://www.berria.eus/albisteak/230984/village-peoplek-festa-giroa-agindu-du-gaur-iluntzerako.htm
Kultura
Village Peoplek festa giroa agindu du gaur iluntzerako
Talde estatubatuarrak bere abesti ezagunenak emango ditu Zurriola hondartzan, Donostiako 58. Jazzaldian. «Ongi pasatzera» joateko deia egin diote publikoari.
Village Peoplek festa giroa agindu du gaur iluntzerako. Talde estatubatuarrak bere abesti ezagunenak emango ditu Zurriola hondartzan, Donostiako 58. Jazzaldian. «Ongi pasatzera» joateko deia egin diote publikoari.
Festa, dantza eta dibertimendua. Horixe agindu diete Village People taldeko kideek iluntzean Zurriola hondartzara joaten diren entzuleei. 1970eko hamarkadan ekin zion bere ibilbideari Greenwich Villageko taldeak (New York, AEB), eta disco musikaren historiako kantu ezagunenetako batzuk utzi ditu ordutik. Ohi bezala, beren mozorroak soinean igoko dira oholtzara, eta haiekin hasiko da Donostiako 58. Jazzaldia. «Mundu guztiarentzako musika egiten dugu», adierazi du Victor Willisek, jatorrizko taldeko abeslari beterano eta egungo formazioaren buruak, polizia jantzia soinean zuela, goizean Viktoria Eugenia antzokian egindako agerraldian. Eta ideia bera nabarmendu dute —haiek ere beren mozorroak jantzita— gaur egun taldea osatzen duten gainerako kideek ere, James Leek (soldadua), Jeffrey Lippoldek (motorzalea), James Kwongek (eraikuntzako langilea), Javier Perezek (Ameriketako jatorrizko herrietako kidea) eta Nicholas Manelickek (cowboy-a): «Geure kantuak mundu guztiarentzat dira». Disco musikaren ordezkari nabarmenetakoa izan da taldea urte luzez. 1977an Village People estreinako diskoarekin arrakasta handia lortu zuten dagoeneko; bertan bildu zituzten oraindik ere askorentzat beren kantu ezagunenetakoak diren zenbait, hala nola San Francisco (You Got Me) eta In Hollywood (Everybody Is A Star). Handik urtebetera plazaratu zuten bigarren albuma, Macho Man (1978), eta segidan heldu zen Cruisin’ (1978), zeinetan beharbada beren kantu ezagunena dena jaso zuten: Y.M.C.A. Beste bi lan eman zituzten hurrengo urtean, Go West (1979) eta Live and Sleazy (1979), eta beste hainbat kantu arrakastatsu bildu zituzten haietan, tartean, Go West eta In The Navy. 1980ko hamarkadan ere plazaratu zuten albumik. Ordutik, hainbat taldekidek utzi dute banda, eta beste hainbatek hartu dute haien lekua urteotan; Willis da jatorrizko taldetik bertan segitzen duen bakarra. Eta ziurtatu du iluntzeko kontzertuan kantu ezagunenak ez direla faltako. Hainbat musikarik lagunduta ariko dira zuzenekoan. Musika «inklusiboa» «Gure ikuskizuna dibertigarria eta adin guztietako jendearentzako modukoa da», berretsi du Willisek. «Batzuk mozorrotuta etorri ohi dira, baina beharrezkoa ere ez da. Garrantzitsuena ongi pasatzeko gogoz etortzea da». Gehitu du urteak igaro diren arren gazteek ere beren kantuak ezagutzen dituztela, eta horrek asko pozten dituela: «Zorionekoak gara belaunaldi desberdinek gozatzen dutelako gure abestiez. Guretzat, garrantzitsua da gazteek ere kantu horiek estimatzea». Taldearen hainbat abesti LGTBI mugimenduko kideentzat ereserki bihurtu izanak zer sentiarazten dien galdetuta, abeslariak adierazi du beren asmoa ez dela izan talde jakin bati zuzendutako kantuak egitea, «mundu guztiak» gozatzeko modukoak sortzea baizik. «Jende desberdinak estimatzen duen energia bat sortzen du gure musikak». Lippoldek gehitu du «elkarren oso desberdinak diren pertsonek» uler ditzaketela beren kantuak, «positiboak eta dibertigarriak» direlako. «Gure musika denentzat da; nik asko gozatzen dut kantatzen dudanean». Bide beretik, eskubideetan gizarteak atzeraka egitearen arriskuaz galdetuta, Lippoldek iritzi dio politikak «zatitu» egiten duela, eta, aldiz, haien musika «inklusiboa» dela eta jendea haren inguruan «elkartzea eta elkar zaintzea» dela haien helburua. Antzera mintzatu da Willis ere: «Gure hitzak ez dira politikoak, eta ez dugu musika egiten ez Alderdi Demokratarentzat, ez Alderdi Errepublikanoarentzat. [Donald] Trumpek gure kantuak gustuko baditu, ezin dut ezer esan, baina ez dugu politizatzerik nahi». Bestalde, mozorroak dira taldearen ezaugarri nagusietako bat, eta esan dute horiek baliagarriak zaizkiela beren alter ego-ez gozatzeko, eta haiekin «izar» eta «superheroi» sentitzen direla.
2023-7-21
https://www.berria.eus/albisteak/230985/euskal-preso-ugariren-senideek-dei-egin-dute-eh-bilduri-botoa-ematera.htm
Politika
Euskal preso ugariren senideek dei egin dute EH Bilduri botoa ematera
«Bakearen eta elkarbizitza demokratikoaren eraikuntzan urratsak egitea jarraitzea» galdegin dute.
Euskal preso ugariren senideek dei egin dute EH Bilduri botoa ematera. «Bakearen eta elkarbizitza demokratikoaren eraikuntzan urratsak egitea jarraitzea» galdegin dute.
Hainbat euskal presoren senideek bilkura bat egin dute Donostian, Martuteneko espetxearen aurrealdean. Espainiako Gorteetarako hauteskundeen atarian, dei egin dute «bakearen eta elkarbizitza demokratikoaren eraikuntzan urratsak egiten jarraitzera», eta uste dute EH Bildu «indartzea» dela horretarako «bide eraginkorrena». Hala, EH Bilduren aldeko botoa ematea galdegin dute. Azken orduetan, babes publiko gehiago ere jaso ditu indar subiranistak. Atzo, Angel Toña Eusko Jaurlaritzako sailburu ohiak eskatu zuen EH Bilduren aldeko botoa: «Euskadik bere buruarekin adiskidetu behar du. Eta hori egiteko modu bat da onartzea EH Bilduk emandako pausoak ezinbesteko baldintza izan direla bide horretan. Nik nahi dut denok pauso gehiago ematea. Sinesten dut Euskadi solidarioan, oparoan, ez hain desorekatuan».
2023-7-21
https://www.berria.eus/albisteak/230986/eskuin-muturrak-bizitzak-goberna-ez-ditzan-botoa-eskatu-du-sumarrek.htm
Politika
«Eskuin muturrak bizitzak goberna ez ditzan», botoa eskatu du Sumarrek
«Bada garaia gobernuko presidentea emakume bat izateko. Yolanda Diazek merezi ditugun politikak egingo ditu», esan du Espainiako Kongresurako Sumarren Gipuzkoako zerrendaburu Pilar Garridok, kanpainaren amaieran.
«Eskuin muturrak bizitzak goberna ez ditzan», botoa eskatu du Sumarrek. «Bada garaia gobernuko presidentea emakume bat izateko. Yolanda Diazek merezi ditugun politikak egingo ditu», esan du Espainiako Kongresurako Sumarren Gipuzkoako zerrendaburu Pilar Garridok, kanpainaren amaieran.
Sumarren Gipuzkoako zerrendaburu Pilar Garridok botoa nori eman zalantzan daudenei eta abstentzionistei mintzatu zaie, ezkerreko koalizioaren hauteskunde kanpaina bukatu duen Donostiako ekitaldian: haien botoa Sumarren aldekoa izan dadila eskatu die. Guillermo Presa Arabako zerrendaburuak, Joserra Becerra Gipuzkoako hautagaiak eta Arantza Gonzalez Ezker Anitza-IUko Gipuzkoako koordinatzaile eta Donostiako zinegotziak ere parte hartu dute ekitaldi horretan. «Ezin da etxean geratu inor ere. Zuen konfiantza eskatzen dizuet Euskadin bizitza onak, seguruak eta askeak bermatu nahi badituzue, eskuin muturra gure bizitzan sar ez dadin», adierazi du. Garridok ziurtatu duenez, Sumarren aldeko botoa baino ez da «bermea gutxieneko soldata igotzeko, galdutako erosahalmena berreskuratzeko, pentsio duinak lortzeko, klima aldaketaren aurkako neurri eraginkorrak hartzeko, etxebizitza arrazoizko prezioan eskuratzeko eskubidea ziurtatzeko, eta kalitatezko osasun publikoa eta unibertsala izateko». Euskal herritar guztientzako «bizitza duinak eta zintzoak» bermatu behar direla azpimarratu du. Igandean botoa ematera deitu du, «ilusioz eta itxaropenez». Yolanda Diaz «merezi ditugun politikak» egingo dituela esan du: «Emakumeak errespeta gaitzaten, ez gaitzaten ez bortxatu eta ez hil, eta eskuin muturrak dakarren basakeriari aurre egiteko». Boto guztiek berdin balio dutela gogoratu du, eta «bi aukera baino ez» daudela erantsi du: «Edo eskuin muturreko gobernu bat, iraganera itzuliko gaituena, edo koalizio aurrerakoi ezkertiarreko gobernu bat Sumarrekin, herritarrek behar dituzten neurriak hartuko dituena».
2023-7-21
https://www.berria.eus/albisteak/230987/fiteroko-udalak-gaitzetsi-egin-du-ama-bat-hiru-seme-alabak-hiltzen-saiatu-izana.htm
Gizartea
Fiteroko Udalak gaitzetsi egin du ama bat hiru seme-alabak hiltzen saiatu izana
3 eta 9 urteko haurrak zainketa intentsiboetan daude, eta 5 urtekoak hobera egin du.
Fiteroko Udalak gaitzetsi egin du ama bat hiru seme-alabak hiltzen saiatu izana. 3 eta 9 urteko haurrak zainketa intentsiboetan daude, eta 5 urtekoak hobera egin du.
Fiteroko Udalak (Nafarroa) gaitzetsi egin du atzo izandako gertaera: hiru haur hiltzen saiatu zen ustez haien ama. Eguerdian substantzia toxikoren bat eman omen zien amak, eta arma zuri batekin zauritu. Umerik zaharrenek kalera irtetea lortu zuten, eta laguntza eskatu. Poliziek etxean aurkitu zuten emakumea, haur txikiarekin. Zaurien ondorioz, haurrak Nafarroako Unibertsitate Ospitalean daude: 3 eta 9 urtekoak ZIU zainketa intentsiboetan daude, eta 5 urtekoak hobera egin du, baina erietxean da oraindik ere. Haurren aita umeekin dago. Ama Iruñeko erietxean dago, Poliziaren zaintzapean, bere buruaz beste egiten saiatu ostean. Fiteroko Udalbatzako kideek erabat deitoratu dute gertaera, komunikatu baten bitartez. Adierazi dutenez, «harridura, haserrea eta kezka» sortu ditu gertaerak herrian. Haurrak babesteko, «legez» haien esku dagoen «guztia» egingo dute, esan dutenez. Gertaera arbuiatzeko eta familiari babesa emateko elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian, San Raimundo plazan.
2023-7-21
https://www.berria.eus/albisteak/230988/eajren-alde-bozkatzeko-eskatu-du-vaquerok-euskadi-madrilen-ahotsik-gabe-ez-geratzeko.htm
Politika
EAJren alde bozkatzeko eskatu du Vaquerok, «Euskadi Madrilen ahotsik gabe ez geratzeko»
Donostian, Joseba Egibar GBBren presidentea ondoan zuela, Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburuak hitzeman du EAJko diputatuek «beren onena» emango dutela «Euskadiren alde» hurrengo lau urteetan.
EAJren alde bozkatzeko eskatu du Vaquerok, «Euskadi Madrilen ahotsik gabe ez geratzeko». Donostian, Joseba Egibar GBBren presidentea ondoan zuela, Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburuak hitzeman du EAJko diputatuek «beren onena» emango dutela «Euskadiren alde» hurrengo lau urteetan.
Maribel Vaquerok, Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburu jeltzaleak, esan du «ezinbestekoa» dela uztailaren 23an bozkatzera joatea eta hautua «Euskadin pentsatuz» egitea. Jeltzaleen aldeko botoa emateko zenbait arrazoi zerrendatu ditu: «Euskadiren beharretara eta interesetara moldatutako egitasmoa egotea, eskubide indibidual eta kolektiboak defendatzea, autogobernua defendatzea eta gure gizartearen ahotsa izatea Madrilen», besteak beste. Halaber, Vaquerok zuzenean hitz egin die euskal herritarrei, eta esan die «hausnartzeko tartetxo bat hartzeko», haien interesak zein diren erabaki «eta Euskadi Madrilen nork defendatu duen» pentsatzeko: «Egizu buruarekin eta bihotzarekin. Euskadi Madrilen ahotsik gabe gera ez dadin, EAJren alde bozkatzeko eskatzen dizut». Gipuzko Buru Batzarreko presidente Joseba Egibarrek Euskal Herriaren «eskubide nazionalen defentsa» egin du; ziurtatu duenez, «faxismoa borrokatzeko orduan, EAJ da ibilbidea egin duen eta horretan kredentzial guztiak egiazta ditzakeen alderdi bakarra». Halaber, GBBko buruak esan du hauteskunde hauetan «jokoan» dagoela «Euskadik herri gisa duen duintasuna» eta EAJ dela «herri gisa dagokiguna errespetatzea» bermatuko duen aukera bakarra.
2023-7-22
https://www.berria.eus/albisteak/230989/elizaren-sexu-abusuen-sei-biktima-ofizialki-aitortu-ditu-lehen-aldiz-nafarroako-gobernuak.htm
Gizartea
Elizaren sexu abusuen sei biktima ofizialki aitortu ditu lehen aldiz Nafarroako Gobernuak
Nafarroan Elizaren Sexu Abusuen Biktimei Ordaina Emateko Batzordeak egin du aitortza, lehen aldiz; Justizia Departamentuak iazko urrian abiatu zuen lantalde hori. Biktimek esker ona adierazi dute: «Askatzailea izan da».
Elizaren sexu abusuen sei biktima ofizialki aitortu ditu lehen aldiz Nafarroako Gobernuak. Nafarroan Elizaren Sexu Abusuen Biktimei Ordaina Emateko Batzordeak egin du aitortza, lehen aldiz; Justizia Departamentuak iazko urrian abiatu zuen lantalde hori. Biktimek esker ona adierazi dute: «Askatzailea izan da».
Elizako kideen sexu abusuak jasandako sei pertsona biktimatzat aitortu ditu ofizialki Nafarroako Gobernuak; halako lehen aitortza da, baina segur aski gehiago ere izango dira: beste hemeretzi eskaera aztertzen ari dira. Justizia Departamentuak iazko urrian abiatu zuen Nafarroan Elizaren Sexu Abusuen Biktimei Ordaina Emateko Batzordea —apezpikutzaren ordezkaririk gabe—, eta, atzo, Eduardo Santos kontseilariak foru agindu baten bidez aitortu ditu biktima gisa. «Haien kasuak aztertu, kontakizuna entzun, datuak erkatu, txosten eklesiastiko eta akademikoak eskatu, eta salaketaren koherentzia aztertu ondoren, batzordeak ebatzi du lehen sei eskaera hauek merezi dutela biktima gisa ofizialki aitortzea», adierazi du gobernuak, ohar bidez. «Askatzailea izan da, eta oso pozgarria, nahiz eta mingarria ere izan den hura gogoratzea», adierazi du Ana Luisa Anaut biktimak, gobernuak zabaldutako testigantza batean. 67 urte ditu, eta Izabako elizgizon batek egin zizkion abusuak, haur zela: «Halakoetan emakume gutxi agertzen gara, baina seguru nago badirela gehiago; izatez, nire lagun batek ere halako abusuak jasan zituen, baina hil egin zen emakume hura». Anautek azaldu du hedabideen bidez izan zuela batzordearen lanaren berri: «Ez nion inori kontatu abusuen berri, ia-ia familia barruan ere ez, baina min handia nuen, eta pisu hori kentzeko beharra». Jose Luis Perez ere aitortza jasotako lehen sei lagun horietako bat da. Garesko Erreparaziokoen ikastetxean ikasle egoiliar zela jasan zituen abusuak. Hunkituta mintzatu da Nafarroako Gobernuak zabaldutako bideo batean: «Prozesua oso gogorra izan da, latza baita hartaz hitz egitea: ate bat ireki eta zuri-beltzezko eskola batean sartzearen parekoa da, garai hartara itzultzea. Izan ere, umetan ez dakizu zer gertatzen zaizun, ez duzu kontzientziarik jakiteko egin dizuten hori sexuala den ala ez, ez baitakizu sexualitatea zer den ere. Urteekin ohartu nintzen haur hura hil egin zutela». Erantsi du aurkako jarrerak ere izan dituela: «Oraindik ere batzuek ez dute sinesten hori gertatu zenik». Bidea ez da erraza izan, baina batzordeko kideek samurtu egin dute, Perezek nabarmendu duenez: «Oso ondo egin dute hasieratik, babesa jaso dugu une oro». «Zoragarritzat» jo du aitortua sentitzea, eta horregatik, esker onez mintzatu zaio Nafarroako Gobernuari: «Oso garrantzitsua da gobernuak egindakoa: erreferentzia bat da pederastiaren aurka». Hemeretzi lagun, ebazpenaren zain Gobernuak egun gutxi barru igorriko die biktimei izaera hori aitortzen dien agiria. Batzordeak gogora ekarri du biktima aitortza eskatu egin behar dela gobernuaren bulegoan. Orain arte, 25 txosten tramitatu dituzte: seitan aldeko ebazpena eman dute, eta beste hemeretziak datozen asteotan bideratuko dituzte. Hain justu, ebazpenaren zain dago Marcos Leiun, Nafarroako Elizako Pederastiaren Biktimen Elkarteko burua. 74 urte ditu egun, eta 9rekin jasan zituen abusuak, maristen eskola batean: «Irakasleak nitaz abusatzen zuen, baina beste hainbatez ere bai. Jendaurrean egiten zuen, ikasgelan bertan: ukituak ziren ohikoena, adibidez, mahaiaren atzean». Abusuek bizi osoan eragin diotela gaineratu du: «Uste duzu gainditua duzula, baina bat-batean ohartzen zara gauza batzuk ez daudela ondo». Gainerako biktimak adoretu nahi izan ditu, sexu gehiegikeriak salatu ditzaten: «Logikoa da hasieran beldurra izatea: asko ez dira ausartzen salatzera. Baina nik gomendatzen dut: askatzailea da, eta nork bere buruarenganako segurtasuna berreskuratzen laguntzen du, hori hautsi egiten baita abusuak pairatzen dituzunean». Biktima gisa aitortu izana «funtsezkoa» da, Leiunen hitzetan: «Gutaz abusatu zutenean kendu ziguten duintasunaren parte bat berreskuratzea dakar. Adibidez, hedabideetan lehen elkarrizketak egiten hasi ginenean, ez genuen gure izena ematen, bizkarrez agertzen ginen argazkietan, baina ohartu ginen guk ez dugula lotsatu behar gertatu zitzaigun horregatik; egin zigutenek lotsatu behar dute». Gobernuak emandako babesa ere goratu du: «Psikologia zerbitzua eskaini digu, eta horrek asko lagundu digu». Aurreko legegintzaldian, Nafarroako Gobernuko Justizia Departamentuak lan oparoa egin zuen Elizaren abusuen biktimen inguruan. Sexu gehiegikeria horiei buruzko ikerketa bat ondu zuen, eta biktimen erreparazioa lantzeko batzordea abiatu. Biktima horiek aitortzeko lege bat ere onartu zuen iazko ekainean, eta jendaurreko omenaldi bat egin zien, Maria Txibite lehendakaria eta Eduardo Santos kontseilaria buru zirela.
2023-7-21
https://www.berria.eus/albisteak/230990/ampok-uste-du-iazko-datu-onak-gaindituko-dituela-aurten.htm
Ekonomia
Ampok uste du iazko datu onak gaindituko dituela aurten
Ampok 236 milioi euroko eskaera zorroa lortu zuen iaz, inoizko handiena, eta esan du hobetu egingo duela aurten.
Ampok uste du iazko datu onak gaindituko dituela aurten. Ampok 236 milioi euroko eskaera zorroa lortu zuen iaz, inoizko handiena, eta esan du hobetu egingo duela aurten.
Urte ona izan zuen iaz Ampok, eta aurtengoa ere halakoxea izatea espero du. Energia sektorean ziurgabetasun handiak dauden arren, Idiazabalgo kooperatibaren balbulek eskari handia dute munduan zehar, eta, horri esker, 2022. urtea 236 milioi euroko eskaera zorroarekin itxi zuen, inoizko handienarekin. Kontratu horien bidez, aurten 200 milioi euroren salmentak lortuko dituela uste du, eta horrela, iazko datu positiboak (178 milioi, +%12) gaindituko dituela. «Bilakaera hau izateko, arreta jarri dugu balbula eta sistema gero eta zorrotzagoen eta gure bezeroentzako balio erantsi handiagoko soluzioen garapenean», adierazi du Ibon Imazek, Ampoko zuzendari nagusiak. Berrikuntza handiak egin ditu azken urteetan Idiazabalgo enpresak, bezeroei neurrira egindako soluzio adimendunak eskainiz energia, kimika, petrokimika eta meatzaritza sektoreetan. Enpresa konpromisoa hartu du energia eredu berriak bilatzeko hidrogenoaren, karbono atzipenaren, biofuelen eta fuel sintetikoen alorretan. «Jada badauzkagu zenbait kontratu sinatuta, hala nola balio tekniko handiko balbulak garatzeko, hidrogeno aplikazioetarako eta bioerregaien sektoreari loturiko proiektuak egiteko», esan du Imazek. Haren esanetan, deskarbonizazio plan bat dute energia efizientzian, prozesuen elektrifikazioan, energia berriztagarrietan eta mugikortasun jasangarrian oinarrituta. Azken urteetan Ampo mundu osoan hedatu da, eta 1.000 langile inguru ditu. Lantegiak ditu Saudi Arabian, Kazakhstanen eta Indian, eta Afrikan ere hasi nahi du ekoizten. Hala ere, Imazek adierazi du Ampoko bezeroek Idiazabalgo zentroan konfiantza daukatela oraindik ere, eta nazioarteko proiektuek Idiazabalgo egoera produktiboa sendotzen lagundu dietela. Hurrengo urteetan Ampo Service programa indartzeko konpromisoa hartu dute, mundu osoko bezeroen beharrei berehala erantzuteko zerbitzuak martxan jarrita.
2023-7-21
https://www.berria.eus/albisteak/230991/mohoric-azken-gerri-kolpean.htm
Kirola
Mohoric, azken gerri kolpean
Zentimetro gutxi batzuengatik irabazi dio Asgreeni Tourreko 19. etapan. Ihesaldiak arrakasta izan du berriz ere. Vingegaardek lidergoan jarraitzen du, eta mendiko azken etapa jokatuko da bihar
Mohoric, azken gerri kolpean. Zentimetro gutxi batzuengatik irabazi dio Asgreeni Tourreko 19. etapan. Ihesaldiak arrakasta izan du berriz ere. Vingegaardek lidergoan jarraitzen du, eta mendiko azken etapa jokatuko da bihar
Bigarren egunez jarraian irabazteko zorian izan da Kasper Asgreen (Soudal), baina gaur, aurrea hartu dio Matej Mohoricek (Bahrain). Oso gutxirengatik, hori bai: zentimetro kontua izan da. Ihesaldia esprintean errematatu dute, Ben O’Connorekin (Ag2r) batera, eta helmugako argazkia behar izan da irabazlea zehazteko. O’Connor aise aurreratu dute Mohoric eta Asgreenek, baina elkarren parean igaro dute helmugako arrastoa. Esloveniarraren gerri kolpea indartsuagoa izan da, eta azken bultzadak eman dio garaipena. Hirugarrena du Tourrean, eta aurrenekoa aurten. Ihesean urrunera iristeko aukera asko zegoen gaur. Tourra azken txanpan sartua dago, eta tropelaren zaintza ez da hasieran bezain zorrotza. Gainera, ez zirudien esprinterren taldeak jazarpenean engaiatuko zirenik, helmugarako 30 kilometroren faltan hirugarren mailako mendate bat baitzegoen. Horren guztiaren jakitu ziren txirrindulariak, eta hanka egiteko saiakerak bata bestearen atzetik etorri dira. Hainbestekoa izan da ihesaldia antolatzeko borroka, non zatitu egin baita tropela, eta une batez, atzean geratu da Adam Yates (UAE), sailkapeneko hirugarrena. 60 kilometroko lehia biziaren ondotik, bederatzi lagun nabarmendu dira lasterketa buruan: Tiesj Benoot (Jumbo), Matteo Trentin (UAE), Julian Alaphilippe (Soudal), Jack Haig (Bahrain), Mads Pedersen (Lidl), Georg Zimmermann (Intermarche), Warren Barguil (Arkea), Victor Campenaerts (Lotto) eta Nils Politt (Bora). Ez zen nolanahiko multzoa, baina ezin izan du bere horretan iraun. Lehenik, katea puskatu zaio Politti. Bat gutxiago. Dena den, ihesaldietan hobe izaten da gutxi, gehiegi baino. Eta tarteko esprintaren ondoren, 28 ziklista batu zaizkie aurrekoei. Akabo harmonia. Ion Izagirrek (Cofidis) ez du aukera galdu, eta ihesi aritu da berriro. Maila handiko beste txirrindulari askok egin dute atzetik aurrera: Tom Pidcockek (Ineos), Jasper Philipsenek eta Mathieu van der Poelek (Alpecin), Christophe Laportek (Jumbo), Dylan Groenewegenek (Jayco), Alberto Bettiolek (Education)… Multzo horretan sartu dira Mohoric, Asgreen eta O’Connor ere, akabuan etapa jokatu duten hiru txirrindulariak. Campenaerts ez zen gustura inguruan hainbeste iheskide izanda, eta abenturari lotu zaio, Simon Clarke (Israel) bidelagun hartuta. Ia minutu bateko aldea hartzen utzi diete. Baina ez gehiago. Uno-X taldea izan dute jarraika, lau ziklista baitzituen ihesaldian. Clarke ezinean gelditu da mendatearen aurretik, karranpa eta guzti, eta Campenaerts lehen aldapetan harrapatu dute Mohoricek, Asgreenek eta O’Connorrek. Hirukoteak, kemena eta ahalmena uztartu, eta agur esan die beste guztiei. Helmugan ikusi dituzte hurrena. Negar zotinka aurkitu dute Mohoric. Balentriaren osteko hunkidura zen. Izagirre garaipenaren lehian sartzen saiatu da zenbait unetan, baina trenak ihes egin dio, eta 23. izan da azkenean, 1.43ra. Faboritoen multzoak, berriz, ia hamalau minutuko atzerapena izan du. Egun lasaia izan da Jonas Vingegaard (Jumbo) liderrarentzat. Garaipena ondo bideratuta dauka, eta azken defentsa saioa izango du bihar, igandean Parisera iritsi aurretik. Vosge mendilerroan barneratuko da tropela, eta sei igoerari egin beharko die aurre. Horietatik bi lehen mailakoak dira, Petit Ballon eta Platzerwasel, eta bukaeran igoko dituzte. Zortzi kilometroko sasiordeka baten ondoren egongo da helmuga.
2023-7-21
https://www.berria.eus/albisteak/230992/osasunak-bigarrenez-irabazi-du-euskal-herria-txapela.htm
Kirola
Osasunak bigarrenez irabazi du Euskal Herria Txapela
Catenak egin ditu gorritxoen hiru golak, eta Momo Chok txuri-urdinena, denak lehenengo zatian.
Osasunak bigarrenez irabazi du Euskal Herria Txapela. Catenak egin ditu gorritxoen hiru golak, eta Momo Chok txuri-urdinena, denak lehenengo zatian.
Osasunak irabazi du Euskal Herria Txapela, lehen zatian hiru gol sartuta. Oldarkor aritu dira Osasuna zein Reala, baina geldikako jokaldietan lotsagorritu egin du Catenak Reala. Hiru gol egin ditu atzelariak, denak geldikako jokaldietan. Bi taldeek lehen taldeko zein bigarren taldeko jokalariak erabili dituzte, eta oldarkor aritu dira, batez ere lehenengo zatian. Denboraldiaurreko partidetan gutxitan ikusten da halakorik, eta zaleek eskertu egin dute. Gorritxoek bigarrenez irabazi dute udako txapelketa hau. Partida hasierak erritmo bizia izan du. Azken urteetako gorritxoen zigilua lehen lerroetan egiten duten presioa izan da, eta, oraingoan ere, ondo baino hobeto egin du Jagoba Arrasateren taldeak. Aukera ugari izan dituzte gorritxoek lehenengo gola egiteko, eta hamargarren minutua bete baino lehen aurreratu dira. Catenak egin du, azkar ateratako korner bat orpoarekin errematatuta. Pixkanaka, baina, Realak lortu egin du baloi jabetza bereganatzea, eta jokaldiak ongi lantzea lortu dute txuri-urdinek. Momo Chok berdindu du partida. Buruz buruko jokaldia egin ostean, bat-bikoa egin du Gorrotxategi gaztearekin, eta frantziarrak sareetara bidali du baloia. Lehen zatiko azkeneko hamar minutuetan iritsi dira Catenaren beste bi golak. Buruz egin ditu bi horiek; falta bat errematatu du lehenengoan, eta korner bat bigarrenean. Bigun aritu dira txuri-urdinak geldikako jokaldi horietan, eta Osasunak Realak utzitako erraztasunak probestu ditu. 22 jokalariak aldatu dituzte atsedenaldian bi prestatzaileek, eta beste partida bat ikusi da Galen. Erritmoa nabarmen jaitsi da, eta bi taldeek aukerak izan badituzte ere, markagailua ez da mugitu. Bi taldeek prestaketarekin jarraituko dute orain. Realak bi neurketa jokatuko ditu datorren astean. Asteartean, Portugalen, Sportingen aurka. Eta larunbatean Anoetan, Bayer Leverkusenen aurka. Gorritxoek, berriz, Frantziara egingo dute. Girondins eta Okzitaniako Tolosa izango dituzte aurkari, ostiralean eta larunbatean, hurrenez hurren.
2023-7-22
https://www.berria.eus/albisteak/231016/mendizale-bizkaitar-bat-hil-da-europako-mendietan.htm
Gizartea
Mendizale bizkaitar bat hil da Europako mendietan
Atzo izan zen ezbeharra. Larrialdi zerbitzuek jakinarazi dutenez, leku malkartsu batean erori zen.
Mendizale bizkaitar bat hil da Europako mendietan. Atzo izan zen ezbeharra. Larrialdi zerbitzuek jakinarazi dutenez, leku malkartsu batean erori zen.
Zeanuriko 54 urteko mendizale bat hil zen atzo Europako mendietan, Espainian. Valdeon haranean izan zen ezbeharra, Sedo de la Padierna izeneko bidean. Leku malkartsua da, eta, larrialdi zerbitzuek jakinarazi dutenez, mendizalea erori egin zen. 14:00ak baino lehentxeago gertatu zen istripua. Larrialdi zerbitzuak jakinaren gainean jarri zituztenean, mendizalea konorterik gabe zegoen. Helikopteroz joan ziren haren bila, tokiko orografiagatik ezinezkoa baitzen harengana heltzea. Helikopteroak garabi batean atera zuen handik mendizalea, baina hilik zegoen ordurako. Ordu gutxian hil den bigarren mendizalea da gaurkoa. Atzo goizean mendizale gipuzkoar baten gorpua aurkitu zuten Panticosan, Pirinioetan. Ostegunean galdu zen gizona, beste bi lagunekin mendian zela. Halako batean, beste bi lagunengandik aldendu zen, eta lagunek ez zuten berriro aurkitu. Mendizalearen lagunek abisua eman zuten, eta mendiko erreskate taldeak joan ziren bila. Atzo 11:15ean aurkitu zuten gorpua, Pico de Fazeraseko sakan batean. Gaur ekarriko dute gorpua Euskal Herrira, Debara.
2023-7-22
https://www.berria.eus/albisteak/231017/posta-bidezko-botoa-eskatu-zutenen-952k-eman-dute-azkenean.htm
Politika
Posta bidezko botoa eskatu zutenen %95,2k eman dute azkenean
Hego Euskal Herrian 249.723 lagunek eman dute botoa posta bidez. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 2020ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan baino %61 gehiagok eman dute botoa posta bidez.
Posta bidezko botoa eskatu zutenen %95,2k eman dute azkenean. Hego Euskal Herrian 249.723 lagunek eman dute botoa posta bidez. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 2020ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan baino %61 gehiagok eman dute botoa posta bidez.
Correos Espainiako posta zerbitzuak jakinarazi duenez, 249.723 lagunek eman dute Espainiako hauteskundeetarako botoa posta bidez Hego Euskal Herrian. Atzo 14:00etan amaitu zen epea postetxeetan botoa uzteko. 262.132 lagunek zuten egina eskaera posta bidez bozkatu ahal izateko, eta %95,2k eman dute azkenean Hegoaldean. Araban 29.525 boto jaso dira posta bidez; Bizkaian, 120.248; Gipuzkoan, 55.042; eta Nafarroan, 44.908. Boto horiek bozkalekuetara igorriko dituzte, hauteskunde mahaian zenbatu ditzaten. Hego Euskal Herrian posta bidez inoiz jaso den boto kopuru handiena da. Eusko Legebiltzarrerako 2020ko uztailaren 12ko deialdia da datu horretara gehien gerturatzen dena, pandemiaren gordinean eta uztailean hori ere. Baina aldea nabarmena da: 2020ko boz horietan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 125.255 lagunek eman zuten botoa posta bidez, eta ordu arteko marka ezarri zuten hiru herrialde horietan; orain, ordea, 204.815 izan dira, %61 gehiago. Bozketa eguna uztailaren 23a izanik eta asteartea Hego Euskal Herrian jaieguna izanik, parte hartzea izango da biharko emaitzak azaltzeko gakoetako bat.
2023-7-22
https://www.berria.eus/albisteak/231018/sebas-etxaniz-euskal-preso-ohia-hil-da-80-urterekin.htm
Politika
Sebas Etxaniz euskal preso ohia hil da, 80 urterekin
Apirilean geratu zen baldintzapean aske. Ordura arte, EPPK-ko presorik zaharrena zen.
Sebas Etxaniz euskal preso ohia hil da, 80 urterekin. Apirilean geratu zen baldintzapean aske. Ordura arte, EPPK-ko presorik zaharrena zen.
Sebas Etxaniz euskal preso ohia hil da, 80 urterekin. Espetxealdian hogei urte eta erdi eman ostean, baldintzapean aske zegoen aurtengo apiriletik. Ordura arte, EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kiderik zaharrena zen. Etxerat elkarteak «tristura» adierazi du haren heriotzagatik, eta doluminak helarazi senide eta gertukoei. Etxaniz ihesean ibili zen, harik eta 1994an Nikaraguako agintariek Espainiaren esku utzi zuten arte. Hala, atxilotu egin zuten, baina, epaileak aske uztean, ihes egin zuen berriz ere. Venezuelan atzeman zuten, 2002ko abenduan, eta berriz ere Espainiari entregatu. Ordutik preso egon zen. 2019an bete zituen zigorraren hiru laurdenak, baina hirugarren gradua ez zioten eman 2020ko uztailera arte. Orduan, Villabonako espetxetik (Asturias, Espainia) Martutenera (Gipuzkoa) lekualdatu zuten. Aurretik, ordea, hainbatetan ukatu zioten hirugarren gradua, aurrez baimenik ez zuelako izan; aldi berean, baimenak ere ukatu zizkioten, argudiatuta ez zegoela hirugarren graduan. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Lehen Zigor Salak atzera bota zituen Villabonako espetxeko tratamendu batzordeak euskal presoari emandako 45 eguneko ezohiko erredentzioak ere, nahiz eta Espetxe Zaintzako Epaitegiak onartuak zituen.
2023-7-22
https://www.berria.eus/albisteak/231019/lakaxitako-bortxaketa-salatzeko-elkarretaratzea-egin-dute-irunen.htm
Gizartea
Lakaxitako bortxaketa salatzeko elkarretaratzea egin dute Irunen
Dozenaka lagun elkartu dira, Erasotzaileei sua! Erne eta antolatuta gaude lelopean.
Lakaxitako bortxaketa salatzeko elkarretaratzea egin dute Irunen. Dozenaka lagun elkartu dira, Erasotzaileei sua! Erne eta antolatuta gaude lelopean.
Irungo (Gipuzkoa) Lakaxita gaztetxeko kideek deituta, dozenaka herritar elkartu dira udalerri hartako San Juan plazan, uztailaren 8an gaztetxean izandako bortxaketa salatzeko. Erasotzaileei sua! Erne eta antolatuta gaude lelopean egin dute protesta. «Lakaxita osatzen dugun guztiok elkartasun eta babes guztia adierazi nahi diogu erasoa jasan zuen emakumeari, eta gure amorru eta nazkarik handiena erasotzaileari», adierazi zuten ostegunean ohar baten bidez. Gaztetxeko kideek eman zuten gertatutakoaren berri, xehetasunetan sartu gabe: «Gizon batek egoera zaurgarrian zegoen emakume bat bortxatu zuen». Horiek hala, bertan behera utzi dute gaztetxeko egitaraua, Lakaxita oraingoz ez delako «emakumeentzako leku segurua». Era berean, «barne hausnarketa prozesu bat» abiatuko dute: «Gure benetako gune askea birpentsatzeko». Eraso bat Plentzian Plentziako Udalak (Bizkaia) salatu du emakume batek sexu eraso bat jasan duela gaur goizaldean, madalenetako jaietan. Horiek hala, «eraso matxistak gaitzesteko» elkarretaratze bat egin dute udaletxe aurrean. Horrez gain, udalak ordubeteko etena egingo du festa egitarauan, 14:30-15:30 artean. Ertzaintza gertatutakoa ikertzen ari da, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
2023-7-22
https://www.berria.eus/albisteak/231020/etapa-batentzat-tourra-bestearentzat.htm
Kirola
Etapa batentzat, Tourra bestearentzat
Pogacarrek irabazi du azken saio menditsua, eta Vingegaardek sailkapen nagusiko garaipena ziurtatu du. Bilbaok ezin izan du posturik igo, eta seigarren izango da azkenean
Etapa batentzat, Tourra bestearentzat. Pogacarrek irabazi du azken saio menditsua, eta Vingegaardek sailkapen nagusiko garaipena ziurtatu du. Bilbaok ezin izan du posturik igo, eta seigarren izango da azkenean
Asteazkenean makalaldi handia izan ondoren, bere onera itzuli da gaur Tadej Pogacar (UAE), eta onena izan da Tourreko hogeigarren etapan. Faboritoen arteko esprinta lehiatu da Le Marksteineko helmugan, eta esloveniarrak aurrea hartu dio Vingegaardi azken zuzengunean. Danimarkarra hirugarren izan da azkenean, Felix Gallen (Ag2r) atzetik. Halere, bazuen zer ospatu, bihar maillot horia soineratuko baitu Parisko Eliseo Zelaietan. Bigarren garaipena lortuko du jarraian, eta hala, Pogacarren pare jarriko da. 7.29ko aldeaz menderatu du aurten. Oso arrakala handia da. Hirugarren Adam Yates (UAE) izango da, 10.56ra. Pello Bilbaori (Bahrain) ihes egin dio gaur podiumaren ametsak. Ia utopia zen. Aldiz, aukera zuen Simon Yates (Jayco) eta Carlos Rodriguez (Ineos) aurreratzeko. Yates ezin izan du menderatu; Rodriguez, baina, atzean utzi du. 19 segundo atera dizkio helmugan. Tarte handiagoa behar zuen. Dena den, oso harro egoteko moduan da Bilbao: seigarren postuan bukatuko du Tourra, eta zorroan etapa garaipen bat duela. Rodriguezek eutsi egin dio Bilbaori, baina ez Yatesi, eta sailkapeneko laugarren postua kendu dio txirrindulari ingelesak. 12.23ko atzerapena pilatu du hark; 12.57koa Rodriguezek; eta 13.27ra gelditu da Bilbao. Segada usaina zerion gaurko etapari, ez baitzegoen arnasa berritzeko inongo tarterik. Sei mendate igo dituzte elkarren segidan: lehen hiruak bigarren mailakoak, hurrengoa hirugarren mailakoa, eta azken biak lehen mailakoak. Ballon d’Alsace izan da eguneko lehen zailtasuna, eta tropela zatikatu egin da han. Ez, ordea, maldan gora, jaitsieran baizik. Rodriguez erori egin da, eta aurretik hogei txirrindulari gelditu dira. Tartean ziren Mikel Landa (Bahrain) eta Ion Izagirre (Cofidis); baita Vingegaard bera ere. Danimarkarrak hanka altxa du, ihesaldiak bestela ez baitzuen biderik egingo. Landak gutxi iraun du lasterketa buruan, ezinean gelditu baita Croix des Moinantseko igoeran. Berehala irentsi du tropelak. Izagirreri ere alarma gorria piztu zaio, eta metro batzuk galdu ondoren, iheskideei jarraika aritu da. Sei ziklista zeuzkan aurretik: Giulio Ciccone eta Mattias Skjelmose (Lidl), Maxim Van Gils (Lotto), Tom Pidcock (Ineos), Krists Neilands (Israel) eta Warren Barguil (Arkea). Grosse Pierre zen hurrengo mendatea, eta han amore eman du Izagirrek. Neilands ezinak jota gelditu da, eta haren tokia Thibaut Pinotek (Groupama) hartu du ihesaldian, atzetik aurrerakoa eginda. Geroago, Rigoberto Uran (Education), Valentin Madouas (Groupama), Kevin Vermaerke (DSM) eta Chris Harper ere batu zaizkie buruan zeudenei. Hori horrela, hamar txirrindulari iritsi dira Schlucht mendatearen tontorrera. Cicconek irabazle keinua egin du, bildutako puntuekin erabakita utzi baitu mendiko sailkapena. Petit Ballonen bakarrik gelditu da Pinot. Gailurretik sei kilometrora abiatu da, baita indarrez abiatu ere. Gozatu handia hartu du, jendetza baitzuen zain mendatearen bukaeran. Platzerwaselen, ordea, erasoka hasi dira faboritoak, eta iheslarienak egin du. Pogacar izan da sua piztu duena, eta Vingegaardek eta Gallek jarraitu diote. Beranduago Yates anaiak abiatu dira, eta indartsuenekin bat egin dute mendatearen ondoren zegoen sasi-ordekan. Bilbao gogotik saiatu da aurrekoengana hurbiltzen, baina 33 segundora iritsi da azkenean, zortzigarren postuan. Vingegaardek garaipena lehiatu dio Pogacarri. Azken bihurgunea hobe hartu du, eta buruan iritsi da azken zuzengunera. Alabaina, esloveniarrak esprint bortitzagoa duela erakutsi du beste behin. Azkenean, Gallek ere aurreratu du Vingegaard. Danimarkarrari gorazarre egingo diote bihar, Parisen, Tourreko azken etapan. Garaipena, urtero bezala, esprinterren artean jokatuko dute.
2023-7-22
https://www.berria.eus/albisteak/231021/urdaibai-nagusi-sestaoko-estropadan.htm
Kirola
Urdaibai nagusi Sestaoko estropadan
Bou Bizkaia izan da azkarrena Sestaoko uretan, eta Bermeora joan da Eusko Label ligako zazpigarren bandera
Urdaibai nagusi Sestaoko estropadan. Bou Bizkaia izan da azkarrena Sestaoko uretan, eta Bermeora joan da Eusko Label ligako zazpigarren bandera
Urdaibaik irabazi du Sestaoko bandera, edo, beste modu batera esanda, Eusko Label ligako zazpigarren jardunaldia. Azken postuan igaro dituzte lehen hiru luzeak, baina hirugarren ziaboga amaitu eta erakustaldia eman dute. Zierbena, Hondarribia eta Donostiarra iritsi dira bizkaitarren atzetik, hurrenez hurren. Eguneko beste garailea Ondarroa izan da. Txanda irabazteaz gain, zazpigarren amaitu du estropada. Lehen txandatik argi eta garbi ikusi ziren lau taldeen asmoak joanekoan. Erdiko kale horiek saihestu eta ibaiaren bi aldetan elkartu dira traineruak, arraunak bazterretatik gertu pasatuz. Lehen kalean zegoen Santurtzi, eta berehala hartu du lauzpabost segundoren aldea gainerako ontziekin, baina Ondarroak berehala aurreratu zuen. Gorabehera asko ditu Sestaoko estropada eremuak kale bakoitzean, eta bereziki desberdina izan da gaurkoa. Lehen ziabogara aurretik iritsi da Antiguako Ama, eta alde hori handitu egin du estropadak aurrera egin ahala. Txandako bigarren postua eskuratzeko lehia ikustekoa izan da, eta azken luzean erabaki da. Hirugarren kaletik egin dute azken luze hori lau ontziek, bata bestearen uberan. Etxeko taldea, azkenean, Santurtzi baino azkarrago aritu zen. Meirak ez du zorterik izan, beste behin, eta berrogei segundo galdu ditu. Sailkapenaren azken postuan daude galiziarrak, eta Sestaon bigarren kalean aritu behar izan dute, lau kaleetan txarrena, nabarmen. Bigarren txandako lau ontziek ere asmo berarekin ekin diote estropadari. Joaneko luzeetan ibaiaren alde bietan elkartu dira ontziak, eta etortzerakoan, berriz, lehen bi kaleetan. Estu joan da txanda, eta bi lehia estu ikusi dira. Cabok lortu du lehen aldea aurreneko kaletik, eta Oriorekin buruz-buruko lehia polita izan zuen. Mirotzak orain arte ez bezala aritu dira, eta kale txarrena izan badute ere, ondo eutsi diote galiziarrei. Hala ere, galiziarrak aurretik izan dira estropada guztian zehar, eta kalea ere irabazi diote oriotarrei. Getariaren eta Isuntzaren artekoa ere ikustekoa izan da. Getariarrek ez dute lortu lehen txandan ondarroarrek lortu duten abantailarik, eta ezin izan diote kalea irabazi lekeitiarrei. Hori baliatu nahi izan du Iñaki Goikoetxea Saguak, eta pare-parean iritsi dira amaieran. Helmuga arrastoko argazkiak erabaki du lehia, eta gipuzkoarrak aurretik izan dira. Biak ala biak, ordea, lehen txandako irabazlea baino motelago aritu dira, eta puntu sorta ederra eramatea lortu du Iñaki Errastiren taldeak; puntu baten aldea zegoen Ondarroaren eta Santurtziren artean estropada hasi aurretik, eta bost puntu aurretik joango dira Kantabriara. Urdaibai, azken luzean Ohorezko txandan ere bizkorrago abiatu zuten estropada lehen bi kaleetako ontziak, baina joanekoan galdu zezaketen denbora itzulerakoan berreskuratzea lortu dute. Donostiarra izan da azkarrena lehen txandan aurreneko kaletik, baina lau ontziak bi segundoren aldean iritsi dira lehen ziabogara. Parekotasuna ikustekoa izan da, eta bigarren ziabogara ere parean iritsi dira laurak; segundo bakarraren aldearekin. Hirugarren luzean Torrekua II-ak olatua hartzea lortu du, eta lehenengo kalean, hormari itsatsita, hiruzpalau segundoren aldea ere lortu du lehen metroetan. Baina lehen metro horietan irabazitako denbora hori itzuleran galtzeko arriskua zegoen, eta hala gertatu da. Urdaibaik, baina, gordeta zeukan azken bala. Joanekoan sufritzen jakin dute, baina azken luzean abantaila ondo baino hobeto baliatu dute. Lau segundo atzetik iritsi da Bou Bizkaia azken ziabogara, baina bi minutuan estropadaren buru jarri dira. Bikaina izan da bizkaitarren estropada amaiera, eta ontzi bateko aldearekin irabazi dute azkenean. Zierbena Hondarribiaren aurretik iritsi da azken esprintean, eta Donostiarra, aldiz, indarrik gabe gelditu da lehen hamabost minutu onen ostean. Azkenerako Cabo baino segundo bat bizkorrago soilik amaitu dute estropada.
2023-7-23
https://www.berria.eus/albisteak/231022/israelgo-11000-erreserbista-inguruk-mehatxu-egin-dute-euren-jarduna-etengo-dutela-erreforma-judiziala-geldiarazi-ezean.htm
Mundua
Israelgo 11.000 erreserbista inguruk mehatxu egin dute euren jarduna etengo dutela erreforma judiziala geldiarazi ezean
Erreformaren azken bozketa bihar da hastekoa parlamentuan, baina Defentsa ministroak saioa atzeratzeko asmoa azaldu du. 300.000 herritar inguruk hiri nagusietako kaleak bete dituzte, gobernuaren aurkako protestetan.
Israelgo 11.000 erreserbista inguruk mehatxu egin dute euren jarduna etengo dutela erreforma judiziala geldiarazi ezean. Erreformaren azken bozketa bihar da hastekoa parlamentuan, baina Defentsa ministroak saioa atzeratzeko asmoa azaldu du. 300.000 herritar inguruk hiri nagusietako kaleak bete dituzte, gobernuaren aurkako protestetan.
Israelgo Gobernuak bultzatutako erreforma judizialaren bozketa saioa bihar da hastekoa Knesset parlamentuan. Legea onartuz gero, bide emango luke Auzitegi Gorenak arrazoizkotzat jotzen ez dituen gobernuaren erabakiak atzera botatzeko. Erreformak, ordea, zatiketa eragin du herrialdeko hainbat sektoretan; esaterako, armadan. Hain zuzen, aireko indarretako 11.000 erreserbista inguruk euren jarduna etengo dutela mehatxu egin diote berriki Benjamin Netanyahu lehen ministroari erreforma geldiarazi ezean. Eta, gaur, Israelgo segurtasuneko dozenaka goi kargudun ohik erreserbista horien erabakia babestu dute, erreforma «segurtasunaren aurkako kolpe bat» dela iritzita. Adierazpeneko sinatzaileek Netanyahuri eskatu dioten bertan behera utz ditzala erreforma judizialarekin lotutako «lege guztiak». Haien arabera, lehen ministroa da «Israelgo aireko indarrei eta segurtasunari eragindako kalteen erantzule zuzena». Hori dela eta, Defentsa ministro Yoav Gallant atzo adierazi zuen herrialdearen «segurtasuna bermatzeko» neurriak hartzen ari dela, Israelgo hedabideetan erreformaren bozketa atzeratzen saiatzen ari dela zabaldu ostean. Israelgo 12 Kanalak jakinarazi zuenez, Gallant gobernuko eta oposizioko alderdiko buruzagiak konbentzitzen saiatzen ari da Knesseteko bozketa saioa atzeratzeko. Defentsa Ministerioak zehaztu zuen Gallant neurriak hartzen ari dela «ahalik eta adostasunik handiena lortzeko, eta, aldi berean, [militarrak] diskurtso politikotik kanpo uzteko». Benjamin Netanyahu lehen ministroak eta gobernuko bazkide ultraortodoxoek eta eskuin muturrekoek erreforma judiziala egiteko asmoa plazaratu zuten urtarrilean, gobernuari botere gehiago emateko, judizialaren kaltetan. Halere, lehen ministroak erreforma judizialari buruzko lege proiektua eztabaidatzeko prozesua atzeratu egin zuen martxo amaieran, proposamenak herritarren artean eragindako haserrearen ondorioz. Netanyahuk, ordea, ez du amore eman nahi, eta erreforma judizialari lotutako zenbait lege onartu nahi ditu parlamentuko udako saioa amaitu —uztailaren 31— baino lehen. Oposizioa, berriz, erreformaren aurka azaldu da erabat. Erreforma judizialarekiko kritikoek argudiatzen dute Israelen botere orekaren aurkako erasoa dela, batez ere demokraziaren oinarrien aurkakoa, parlamentuari boterea ematen baitio erabaki judizialak baliogabetzeko. Bien bitartean, milaka israeldar parlamenturako bidean dira, eta, gaur, 300 bat mila lagunek Jerusalemgo kaleak bete dituzte, zazpigarren hilabetez jarraian, gobernuaren aurkako protestetan. Salatzen dutenez, erreformaren lege proiektu horrek «arriskuan» jarirko luke justiziaren «independentzia». Israelek palestinar bat hil du Israelgo armadak 18 urteko palestinar bat hil du gaur, tiroz, Zisjordaniako Nablus hirian, Wafa Palestinako berri agentziaren arabera. Eraso horretan, halaber, Israelgo indarrek beste pertsona bat zauritu dute, eta, gero, atxilo hartu dute. Tel Aviven arabera, gazte horiek ustez hainbat militar autoz harrapatzen saiatu dira, eta horregatik egin diete tiro. Atzo, gainera, 17 urteko eta 19 urteko bi gazte palestinar hil zituzten Israelgo indarrek; lehenengoa, Ramallah hiritik (Zisjordania) gertu, eta bigarrena, Nablusen (Zisjordania), kolono israeldarrekin izandako liskar baten ostean. Urtea hasi zenetik, Israelek 163 palestinar hil ditu, tartean 28 adingabe; israeldarrak, aldiz, 27 dira, horietatik gehienak, kolonoak.
2023-7-23
https://www.berria.eus/albisteak/231047/parte-hartzeak-behera-egin-du-hegoaldean-posta-bidezko-botoak-zenbatu-gabe.htm
Politika
Parte hartzeak behera egin du Hegoaldean, posta bidezko botoak zenbatu gabe
Normaltasuna da nagusi Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan. 18:00etan, Bizkaian 2019an baino %4,46 gutxiagok eman dute botoa; Nafarroan, 4,74 gutxiagok.
Parte hartzeak behera egin du Hegoaldean, posta bidezko botoak zenbatu gabe. Normaltasuna da nagusi Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan. 18:00etan, Bizkaian 2019an baino %4,46 gutxiagok eman dute botoa; Nafarroan, 4,74 gutxiagok.
Parte hartzeak behera egin du Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan, 2019koekin alderatuta. 18:00etakoak dira datuak; Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan duela lau urte baino jende gutxiagok eman du botoa. Nafarroa salbuespena izango zela zirudien eguerdiko datuetan, baina ez da hala izan: ia bost puntu (%4,74) egin du behera parte hartzeak. Hala ere, aintzat hartu behar da inoiz baino jende gehiagok eman duela botoa posta bidez, eta azken emaitzen zain egon beharko da jakiteko zer joera duen parte hartzeak. Beste hiru lurraldeetan lehen datuek erakutsi duten joera baieztatu da, eta 18:00etan behera egin du parte hartzeak. Araban, 120.372 pertsonak eman dute botoa, erroldakoen %48,09k, duela lau urte baino %7,01 gutxiagok. Gipuzkoan, 287.943 pertsonak bozkatu dute, hautesleen %52,82k (%3,99 gutxiagok). Eta Bizkaian, berriz, 464.763 boz jaso dituzte oraingoz; hautesleen %53,38k bozkatu dute; beraz, 2019an baino % 5,39 gutxiagok. Bereziki deigarriak dira hiriburuetako datuak: Gasteizen, %8,37 egin du behera parte hartzeak; Iruñean, %6,11; eta Bilbon, %5,32. Donostia izan da salbuespena, %0,56 soilik egin baitu behera. Espainian ere joera bera izan da: 18:00ak bitarte, %3,73 egin du behera parte hartzeak. Erroldakoen %53,12k eman dute botoa, posta bidezkoak aintzat hartu gabe. Hautagaien botoak Lehen datu ofizialak iritsi bitartean, argazkiak, topikoz betetako adierazpenak eta botoa ematera joateko deiak izan dira nagusi. Normal hasi da uztailaren 23ko hauteskunde eguna, eta Hego Euskal Herriko alderdi nagusien ordezkariek emana dute botoa. Baita milaka herritarrek ere —posta bidez botoa emana dute 249.723 lagunek—. 20:00etan itxiko dituzte hauteslekuak, eta parte hartzeari buruzko hurrengo datuak 18:30ean emango dituzte. Ikusi gehiago: Hautesleak. Ziurgabetasunez betetako eguna Aurreikusitako hautesleku guztiak zabalik daude, baina atzerapenarekin hasi dira leku batzuetan. Osatzen azkena Delikakoa izan da, Amurrion (Araba), 10:30ean. Botoa ematen goiztiarrenetako bat Iñigo Urkullu izan da, Eusko Jaurlaritzako lehendakaria. Durangon (Bizkaia) eman du botoa, hauteslekuak ireki eta gutxira. Esan du asko dagoela jokoan, «bai eredu sozialean, bai instituzionalean, eta baita etorkizunari begira ere». Usurbilen (Gipuzkoa), Mertxe Aizpurua EH Bilduko hautagaiak dei egin die herritarrei bozkalekuetara joateko: «Boz bakar bat ere ezin da etxean geratu». Ildo beretik, Carlos Iturgaiz PPko buruzagiak botoa ematea galdegin du Getxon (Bizkaia), «opor edo hondartza egun bat galdu arren»: «Lau urteko aldaketa eta hobekuntza irabazi dezakete Espainiarentzat». PP da gaurko hauteskundeak irabazteko faboritoa. PSOEri dagokionez, Patxi Lopez lehendakari ohiak Portugaleten (Bizkaia) eman du botoa, 09:30ean. Sumarren ordezkariek, Lander Martinezek (Bilbon) eta Pilar Garridok (Donostian), «ahalik eta parte hartze handiena» espero dutela esan dute, eta dei egin «boto aurrerakoiak» etxean ez uzteko. 23 eta 16 Espainiako Kongresurako eta Senaturako balio dute gaurko bozek. Kongresua 350 diputatuk osatzen dute, eta horietatik 23 dagozkie Hego Euskal Herriko lurraldeei: Bizkaiari zortzi, Gipuzkoari sei, Nafarroari bost, eta Arabari lau. Senatua, berriz, 266 senatarik osatzen dute egun. Gaurko bozetan, baina, ez dira guztiak aukeratuko, 208 baizik. Hego Euskal Herrian, lurralde bakoitzeko lau. Ikusi gehiago: Bi ganberak betetzeko deiari erantzutera
2023-7-23
https://www.berria.eus/albisteak/231048/demokraziaren-festa-eta-bestea.htm
Politika
Demokraziaren festa eta bestea
Jaietan dauden herrietan, ez dira gutxi joan botoa ematera gaupasa egin ondoren. Errenterian, txarangek eta txistulariek animatu dituzte hautesleku barruan zeudenak
Demokraziaren festa eta bestea. Jaietan dauden herrietan, ez dira gutxi joan botoa ematera gaupasa egin ondoren. Errenterian, txarangek eta txistulariek animatu dituzte hautesleku barruan zeudenak
Bada klixe bat aski zabaldua: botoa emateko egunari demokraziaren festa esaten diote. Festa gutxi, ordea, bozen emaitzak gustuko ez dituen boto emailearen etxean, salbu eta leihotik sartzen bazaio arrapaladan. Emaitzak gustukoak izan ala ez, ez baita erraza izaten hesia jartzea jaiaren musikari eta kaleko burrunbari. Besteentzat, berriz, jai bikoitza dago herriko festak eta hauteskunde eguna batzen direnean: demokraziarena eta bestea; benetakoa, alegia, Errenteriako (Gipuzkoa) madalenena, kasurako. Kuadrillen eguna zen atzo Gipuzkoako udalerri populatuenetatik hirugarrenean, eta ez zen falta festa girorik goizeko zortzietan. Hauteskunde mahaiak eratzen hasi zirenerako, Niessen kulturgunean eta Merkatuzarrean. Gaupasa egindako gazteak eta ez hain gazteak han eta hemen zebiltzan, Foru plaza eta Biteri kalearen inguruan, Pablo Iglesias kalean gora, bat baino gehiago esku batean zigarreta zuela, eta beste eskuan garagardoa. Haiekin gurutzatu behar izan zuten mahaikide izatea egokitu zitzaien goiztiar behartuek. Zoriak horixe baitu: batzuei, salda beroarekin sabela ematu eta oherako bidea hartzea egokitzen zaie, eta beste batzuei, egun luze bati ekitea, hauteskunde mahai batean. Argazki hori Euskal Herriko herri askotan errepikatu zen atzo; esaterako, Tuteran eta Vianan (Nafarroa), Getxon eta Bermeon (Bizkaia), Ordizian eta Mutrikun (Gipuzkoa)... Dantzak eta boto paperak, musika kontzertuak eta boto paperak, buruhandien arteko lasterketak eta boto paperak. Manoli eta Anjel Boto paper horiek mahaietan jasotzea egokitu zitzaienentzat, demokraziaren festak beste adiera bat dauka, batez ere gaua gehiegi luzatu ondoren mahaia eratu behar izan zutenentzat. Horietako ausart bat edo beste bazen Errenteriako Niessenen jarritako hauteskunde mahaietan, baina «txukun» eratu ziren denak, «aparteko arazorik gabe», udaleko teknikari batek azpimarratu zuenez. «Kapela gorri zelebre bat buruan zutela azaldu dira bi, baina esan diegu hemen ez dagoela festarik», esan zuen teknikariak. Merkatuzarreko hauteslekuan, Manoli eta Anjel izan ziren bozkatzen lehenetakoak; senar-emazteak goiz jaiki ziren Manoliren urtebetetze egunean. «89 egin ditut gaur, eta horrek 86», bota zuen, tirriki-tarraka aurrera eginez hauteskunde mahai aldera. «Izorratua dago», erantsi zuen, esan aurretik «konplitu» beharra zegoela boz egunean. «Nik beti guretarren alde; badakizu, oiartzuarra naiz jaiotzez; beste horrek ez dakit». Laster kalera eramango zituzten buruhandi bikote baten albotik pasatu, eta mahaia topatu zuten «konplitzeko». Niesseneko mahaietan, berriz, teknikarien argibideak aditzen ari ziren mahaikideak botoak jasotzen hasi aurretik: «Zuek azkenak bozkatu, ez orain». Azalpenak bukatu orduko, Ibai Arruti zuten bozkatzeko zain. Anbulantzia gidaria presaren presaz zebilen, lanera joan behar zuelako; esan zuen «botoa eman gabe» ez zela joango, «asko baitugu jokoan, batez ere langileek». Haren atzetik, festan egondako gautxori bat izan zen hurrena. Luis Mari lagun batekin atera zen afaldu ondoren, «eta, azkenean, goizak harrapatu» zituen. Etxera joan aurretik bozkatzea erabaki zuen. «Gero, bestela, ez dakit gogo handirik izango dudan», argitu zuen, irri batekin. Festaren usaina EEun osoko erromesaldiaren hasiera bazik ez zen izan hura. Eguerdirako, erraldoi eta buruhandien kalejirak lagunduta, areagotu egin ziren bozkatzera zihoazenen joan-etorriak. Bermutaren ordurako, kuadrillak kaleak girotzen hasi ziren, erdialdean. Oraindik ikus zitezkeen aurreko gaueko zalapartaren arrastoak: plastikozko edalontziak eta beste; nahiz eta kale garbitzaileek gogotik lan egin zuten, goizeko zazpietan hasita. Niessen kulturgunera sartu behar zutenek, aterpeko pasabidean aurrera egin ahala, xaboiaren, uraren, gernuaren eta alkoholaren arteko nahasketaren usainaren kolpea hartu zuten, goizean goiz; batzuek bozei ere ez zieten «usain onik» hartzen. Festaren usaina ez da atsegina izaten eguna argitzen duenean, baina boto emaile goiztiarrek ez dituzte ohiturak aldatzen besterik gabe. Gainera, txibien eta patata tortilaren usainak hartzen du berehala lekukoa.
2023-7-23
https://www.berria.eus/albisteak/231049/sasoiko-laugarren-garaipena-eskuratu-du-urdaibaik.htm
Kirola
Sasoiko laugarren garaipena eskuratu du Urdaibaik
Castron gailendu da, eta lidergoa berretsi du. Asteburuko bi estropadak irabazten dituen lehen ontzia da denboraldi honetan. Hondarribia bigarren izan da zortzi segundora. Bermeotarrak lider dira Eusko Label ligan, puntu bateko aldearekin.
Sasoiko laugarren garaipena eskuratu du Urdaibaik. Castron gailendu da, eta lidergoa berretsi du. Asteburuko bi estropadak irabazten dituen lehen ontzia da denboraldi honetan. Hondarribia bigarren izan da zortzi segundora. Bermeotarrak lider dira Eusko Label ligan, puntu bateko aldearekin.
Asteburu biribila izan da Urdaibairentzat. Bermeotarrek artean denboraldi honetan ontzi batek lortu ez duena erdietsi du: asteburuko bi estropadak irabaztea. Atzo Sestaon (Bizkaia) astindu bazuen bandera, gaur, berriz, Castron (Kantabria, Espainia) gailendu da. Bezperan ibaian eman bazuen erakustaldia; gaur, berriz, itsasoan egin du. Beste behin arraunkera sendo eta indartsu bat erakutsi. Lau luzeetan bizkorrena izan da, eta tantaka segundoak atera dizkie aurkariei. Su geldoan lortutako garaipena izan da. Hondarribiari zortzi atera dizkio, eta Zierbenari hamalau. Laugarren Orio izan da, 17 segundora Gipuzkoarrek denboraldiko estropadarik biribilena egin dute.Castron lortutakoaren lau garaipen ditu Urdaibaik ligan, aurkari zuzenenek, Hondarribiak, Zierbenak eta Donostiarrak bakarra duten bitartean. Orain bermeotarrek 76 dituzte, eta puntu bat atzetik dago Hondarribia. Ligak, beraz, emozioz beterik segitzen du. Datorren asteburuan Getxon (Bizkaia) eta Santurtzin (Bizkaia) jokatuko dira estropadak. Indartsu atera dira txanda nagusiko lau ontziak. Lehen minutua eta gero Urdaibaik eta Zierbenak segundo baten aldea ateratzen zieten jada Hondarribiari eta Donostiarrari. Bira ere igo dute. Berehala ikusi da banderako garailea lau ontzi horien artetik aterako zela. Parekotasuna erabatekoa izan da lehen luze horretan. Urdaibaik egin du denborarik onena lehen ziaboga horretan: 4.49. Parean ailegatu da Zierbena, ondoren Hondarribia segundo batera; bira, berriz, Donostiarra. Bou Bizkaia-k bigarren luzean apurtu ohi ditu estropadak, poparean duen nagusitasunari esker. Duen indarra baliatuz, berehala lortzen du errenta. Gaurkoan, ordea, ez zen hala izan. Paladaz-palada, segundoz-segundo, joan da errenta lortzen. Garaipenaren lehia horretatik kanpo geratu den lehena Donostiarra izan da. 11 segundoren atzerapena pilatu du bigarren ziabogan, eta zortzi Zierbenak. Urdaibairi eutsi dion bakarra Hondarribia izan da, lau segundora. Hirugarren luzearen lehen metroetan Urdaibaik beste bi segundo handitu du errenta Hondarribiarekiko, eta hor hasi da bideratzen garaipena. Bederatzira zegoen Zierbena eta hamahirura Donostiarra. Hurrengo metroetan alde hori egonkortu du, eta handitzen jarraitu. Gozatzen ari zen Gorka Aranberriren multzoa. Azken luzeari Ama Guadalupekoa-rekiko zortzi segundoren errentariekin ekin dio. Nahieran aritu da azken txanpa horretan, garaipena ia eskuan zuela, duen ahalmen guztia ateraz. Hondarribia bigarren postu hori sendotzen joan da. Ez zuen bezperan Sestaon gertatutakoa errepikatzerik, eta Zierbenak aurrea hartzea. Bizkaitarrek, berriz, ez dute arazorik izan hirugarren postuari eusteko. Donostiarrak, berriz, ezin zuen bigarren txandan Oriok egindako denbora hobetu. Azkenerako Urdaibairen denbora 19.46,02koa izan da. Zortzi segundo atera dizkio Hondarribiari, hamalau Zierbenari eta 24 Donostiarrari. Orioren estropada ona Bigarren txandan lehia estua espero zen ligaren sailkapenaren erdialdean dauden ontzien artean. Baina azkenerako Orio oso nagusi izan da, eta sailkapen nagusian laugarren izan da. Sasoiko estropadarik biribilena egin dute Mirotzek, eta aurreko asteburu txarraren ostean, konfiantza berreskuratzeko moduan da Jon Salsamendik entrenatutako ontzia. Dena den, bigarren txanda horretan Getariak sartu du branka aurretik hasiera batean, baina Orio ia parean zen. Ondarroa eta Cabo, berriz, apur atzera geratu dira, ontzi batera. Lehen ziabogara bi segundoren errentarekin iritsi zen Orio: 4.53ko denbora egin du. Alde horri eutsi egin diote gipuzkoarren bueltan, eta poparean Getaria ondo moldatzen den trainerua izanda, aldeari eustea albiste ona zen. Handitu ere egin dute bostera. Behar zuen halako estropada bat Oriok. Getaria sei segundora irits da bigarren ziabogan, eta Cabo, atzetik aurrera eginda, bederatzira. Gerturatu zaio Galiziako ontzia Esperantza-ri.11 segundora, berriz, Ondarroa ailegatu da. Hirugarren ziabogan erabat hautsi du estropada Oriok, beste lau ontziei 10 segundo baino gehiagoko aldea ateraz. Brankaz bikoiztu egin du aldea Getariarekiko: 12 segundora. Aurrera beharrean atzera begiratu behar zuen azken luzean Getariak. Izan ere, Cabo bi segundora gerturatu zaio. Atzeratuta geratu da Ondarroa. Gozatzen zihoan Orio, zuen errenta kusita. Txanda amaitzeko 800 metroren faltan Cabok aurrea hartu zion Getariari. Oriok ondo biribildu du bere lana, 20.03,76ko denbora eginez. Hamazazpi segundora iritsi da azkenerako Cabo, eta Getaria galiziarrengandik hamar ehunenekora. Ondarroak, berriz, txandako garaileak baino 30 segundo gehiago behar izan ditu estropada osatzeko. Denboraldiko lau ontzi apalenen arteko buruz burukoa ere polita izan da. Bi gauza geratu ziren argi: Kaikuk are arnas gehiago hartu duela, eta Meira ligako ontzirik ahulena dela. Galiziarrak gaurkoan ere azken postuan bukatu dute. Santurtziren eta Isuntzaren arteko lehiak, berriz, bete betean jarraitzen du. Kaikuk hasi eta buka menderatu du txanda. Meira hasi eta berehala geratu da atzean, eta bigarren posturako borroka estua izan dute lehen luze horretan Santurtzik eta Isuntzak. Lehen ziabogan, 4.53ko denborarekin, Kaiku bi segundo atera dizkio Santurtziri, lau Isuntzari eta hamabi Meirari. Galiziarrak atzerapen gehiago pilatzen joan dira bigarren luzean. Lehia erabatekoa izan dute Santurtzik eta Isuntzak, baina kasu honetan Kaikuk abantaila gehiago zuen, lau segundoko. Errenta horri ondo eutsi dio. Baina ez zuen lortzen txanda haustea, nahiz eta ziabogan bost segundoren errenta izan.Meira jada 22 segundoren atzerapena zuen lan erdietan. Argia zirudien azken tokian geratuko zela. Kaiku oso ondo atera da ziabogatik, Horrek konfiantza eman dio, eta hurrengo bi luzeetan ere bere nagusitasuna erakutsi du. Tanda 20.14,30eko denborarekin irabazi du. Bigarren Isuntza izan da, sei segundora. Zazpira ailegatu da Santurtzi, eta azkena, 45era, Meira.
2023-7-23
https://www.berria.eus/albisteak/231051/gizon-bat-hil-da-baionan-automobil-batek-harrapaturik.htm
Gizartea
Gizon bat hil da Baionan, automobil batek harrapaturik
Angelu eta Baiona arteko Kanbo hiribidean gertatu zen ezbeharra, larunbat gauean.
Gizon bat hil da Baionan, automobil batek harrapaturik. Angelu eta Baiona arteko Kanbo hiribidean gertatu zen ezbeharra, larunbat gauean.
Automobil gidari batek 43 urteko gizonezko bat harrapatu zuen igande goizaldean. Kanbo hiribidean izan zen. Larrialdi zerbitzuak istripua izandako lekura joan ziren 01:30 aldera, baina ezin izan zuten ezer egin gizona bizirik atxikitzeko. Gidariari analisiak egin zizkioten, eta ez zioten alkohol edo droga arrastorik atzeman odolean. 54 urte ditu. Polizia ikertzen ari da zer gertatu zen.
2023-7-23
https://www.berria.eus/albisteak/231052/meeusek-ezustekoa-eman-du-eliseo-zelaietan-vingegaarden-festan.htm
Kirola
Meeusek ezustekoa eman du Eliseo Zelaietan, Vingegaarden festan
Borako txirrindulariak World Tourrean lortu duen lehen garaipena da. Ikusgarria izan da gaur amaitu den Frantziako Tourra.
Meeusek ezustekoa eman du Eliseo Zelaietan, Vingegaarden festan. Borako txirrindulariak World Tourrean lortu duen lehen garaipena da. Ikusgarria izan da gaur amaitu den Frantziako Tourra.
Amaitu da askoren ustez aspaldiko Frantziako Tourrik ikusgarriena izan dena. Behar bezala amaitu ere: ezusteko batekin. Aurten lau etapa irabazi dituen Jasper Philipsen (Alpecin) zen gaur nagusitzeko faboritoa, baina ezustekoa eman du Jordi Meeusek (Bora). Txirrindulari flandriarrak World Tourrean lortu duen lehen garaipena da, non eta Eliseo Zelaietan, esprinterren tenpluan. Philipsen bigarren izan da, Groenewegen (Jayco) hirugarren, eta Pedersen (Trek) laugarren. Laurak ia batera helmugaratu ditu, eta helmugako argazkia erabili behar izan dute irabazlea argitzeko. Gaurko etapak, ordea, Jonas Vingegaarden (Jumbo) garaipena ospatzeko balio izan du, nagusiki. Denetik izan du aurtengo edizioak: maila ikusgarriko bi oilarren arteko lehia, ihesaldi bidez lortutako garaipen ugari, ezustekoak, milaka zale... Berezia izan da Euskal Herritik abiatu zen Tourra. Vingegaard ala Pogacar (UAE). Pogacar ala Vingegaard. Hori zen zalantza lasterketari ekin aurretik, eta ez zen argitu hirugarren astera arte. Pogacar indartsuago zegoela zirudienean, Vingegaardek erlojupekoa baliatu zuen aldea kentzeko, eta Col de la Lozen gora errematatu zuen esloveniarrak. Azkenean, zazpi minutu eta erdiko tartea atera dio, baina azken etapara arte borrokan jarraitu dute biek. Pogacar gaur ere ibili da ihes eginda. Adam Yatesek (UAE) osatu du podiuma. Palmaresean, beraz, Pogacar berdindu du danimarkarrak. Bina dituzte: 2020ekoa eta 2021ekoa Pogacarrek, eta 2022koa eta 2023koa Vingegaardek. Azken bietan, esloveniarra bigarren izan da, eta jada hitzeman du datorren urtean indartsuago itzuliko dela. Karisma handiko txirrindularia da, eta galtzen badakiela erakutsi du. Vingegaardek, berriz, iragarri du Espainiako Vueltan izango dela aurten. Han ere nagusitzeko gai izango al da? Gainontzeko sailkapenen garaileak ere igo dira gaur podiumera. Erregulartasunaren elastiko berdea Philipsenek irabazi du, aise; mendikoa Giulio Cicconerentzat (Trek) izan da; gazte onenarena, Pogacarrentzat; taldekakoa, Jumbo-Vismarentzat; eta txirrindulari saiatuenarena, Victor Campenaertsentzat (Lotto). Euskal tourra Euskal txirrindularientzat ere gogoangarria izan da aurtengoa. Bi etapa irabazi dituzte: Pello Bilbaok (Bahrain) hamargarren etapan, eta Ion Izagirrek (Cofidis) hamabigarrenean. Sailkapen nagusian ere hiru ziklista sartu dira lehen hogeien artean: Bilbaok seigarren amaitu du, Jonathan Castroviejok (Ineos) hamabosgarren, eta Mikel Landak (Bahrain) hemeretzigarren. Jarraitzaleen oroimenean geratuko da Bilbaok zale bati emandako kaskarrekoa ere. Zazpi euskaldun abiatu ziren Bilbotik —aipatutakoez gain, Alex Aranburu (Movistar), Gorka Izagirre (Movistar) eta Omar Fraile (Ineos)—, eta guztiak heldu dira Parisera. Lehen hiru etapek erakutsi zuten euskal zaleak maila gorenekoak direla, eta hurrengo hiru asteek berretsi dute txirrindulariak ere hala direla.
2023-7-23
https://www.berria.eus/albisteak/231053/espainiako-eskuineko-alderdiek-bi-aldiz-soilik-gainditu-dute-botoen-45.htm
Politika
Espainiako eskuineko alderdiek bi aldiz soilik gainditu dute botoen %45
Espainiako hedabideetako inkesta askok aurreikusi dute PP eta Vox, batura eginda, %45etik gora ibiliko direla. 2016an PPk eta Cs-k botoen %46 lortu zituzten, baina gehiengo osorik ez. (Bart gauean %45,4ko babesa jaso dute PPk eta Voxek, baina diputatuetan gehiengo osorik gabe)
Espainiako eskuineko alderdiek bi aldiz soilik gainditu dute botoen %45. Espainiako hedabideetako inkesta askok aurreikusi dute PP eta Vox, batura eginda, %45etik gora ibiliko direla. 2016an PPk eta Cs-k botoen %46 lortu zituzten, baina gehiengo osorik ez. (Bart gauean %45,4ko babesa jaso dute PPk eta Voxek, baina diputatuetan gehiengo osorik gabe)
Azkeneko asteetan, Espainiako hedabide askotako inkestetan agertu da estatu mailako eskuineko alderdiak botoen %45 eta %50 artean ibiliko direla gaur Kongresurako hauteskundeetan. Gaur arte izan diren hamabost bozetan eskuineko alderdiak, batura eginda, behin soilik egon dira %50etik gertu: 2011n, botoen %49,3 lortuta. Eta %45etik gora, beste behin baino ez, 2016an (%46), baina PPk eta Cs-k ez zuten gehiengo osorik izan. PP izan zen 2011ko hauteskundeetako garaile argi eta garbia, botoen %44,6 jaso baitzituen Mariano Rajoy presidentegai zuen alderdiak (350 diputatuetatik, 186). UPDk %4,7ko babesa eskuratu zuen (5 aulki). Finantza eta ekonomia krisia bete-betean zegoen orduan, eta horrek jan egin zuen Jose Luis Rodriguez Zapateroren (PSOE) gobernua. Aldaketaren behar handia ikusten zen Espainiako Estatuan. 2000n ere gehiengo osoa lortu zuen PPk, Jose Maria Aznar zela buru —lau urte zeramatzan Moncloan; Felipe Gonzalezen (PSOE) hamalau urteko agintaldia hautsi zuen 1996an—; %44,5eko babesa lortu zuen 2000n PPk. Estatu mailako eskuineko beste alderdirik ez zegoen orduan. 2016koa izan da eskuineko alderdien bigarren marka: %46,2ko babesa (PPk %33koa, Cs-k %13koa, eta, anekdota gisa, UPDk %0,2koa). Baina ez zuten eskuratu Kongresuko gehiengo osoa: 169 diputatu (PPk 137, Cs-k 32). Dena dela, Rajoyk segitu zuen Moncloan. 1977an eta 1979an ere gehiengo osoa izan zuten (Adolfo Suarezen UCD Union de Centro Democratico eskuinekotzat joz gero), baina UCD eta Manuel Fragaren AP eta CD, elkarrekin, botoen %40ren inguruan ibili ziren bi bozetan. Espainiako Kongresurako hauteskundeetan estatuko eskuineko alderdien batura Urtea: botoen % (diputatuak*). Beltzean, eskuina Moncloan 1977: %40,7 (181). 1979: %40,8 (178). 1982: %34 (120). 1986: %35,1 (124). 1989: %33,6 (121). 1993: %36,5 (141). 1996: %38,7 (156). 2000: %44,5 (183). 2004: %37,7 (148). 2008: %41,3 (155). 2011: %49,3 (191). 2015: %43,2 (163). 2016: %46,2 (169). 2019ap: %42,8 (147). 2019az: %42,6 (151). Gehiengo osoa: gutxienez, 176 diputatu (Bart gauean PPren eta Voxen baturak botoen %45,4 eman du, baina diputatuetan ez dute gehiengo osorik erdietsi: 169. Ondorio bat izan daiteke eskuinak Kongresuko gehiengo osoa izateko, esparru horretako alderdietako batek bozetan garaipen argia lortu beharra daukala, igande honetan ez bezala)
2023-7-23
https://www.berria.eus/albisteak/231054/ppk-irabazi-ditu-hauteskundeak-baina-ez-zaio-nahikoa-feijoo-gobernuburu-izendatzeko.htm
Politika
PPk irabazi ditu hauteskundeak, baina ez zaio nahikoa Feijoo gobernuburu izendatzeko
Alderdi Popularrak 136 diputatu lortu ditu. PSOE 122rekin geratu da; Vox, 33rekin, eta Sumar, 31rekin. Feijook esan du "gobernatzeko saioa" egingo duela. Sanchezek talde abertzaleen beharra izango du (26 aulki) Espainiako presidente segitzeko; Juntsek du giltza. PSOEko buruak adierazi du "bloke atzerakoiak porrot" egin duela. PP eta PSOE nahikoa parean geratu dira botoetan. Atzerriko botoa, larunbatean; Madril, Kantabriako eta Guadalajarako (PPren alde) eta Tarragonako (PSC) aukerak daude.
PPk irabazi ditu hauteskundeak, baina ez zaio nahikoa Feijoo gobernuburu izendatzeko. Alderdi Popularrak 136 diputatu lortu ditu. PSOE 122rekin geratu da; Vox, 33rekin, eta Sumar, 31rekin. Feijook esan du "gobernatzeko saioa" egingo duela. Sanchezek talde abertzaleen beharra izango du (26 aulki) Espainiako presidente segitzeko; Juntsek du giltza. PSOEko buruak adierazi du "bloke atzerakoiak porrot" egin duela. PP eta PSOE nahikoa parean geratu dira botoetan. Atzerriko botoa, larunbatean; Madril, Kantabriako eta Guadalajarako (PPren alde) eta Tarragonako (PSC) aukerak daude.
PPk irabazi ditu Espainiako Kongresurako hauteskundeak, 136 diputaturekin, baina ez zaio aski izango Alberto Nuñez Feijoo Espainiako Gobernuko presidente izendatzeko. Izan ere, PP Kongresuan gobernuburuaren inbestidura saioan Voxekin (33 aulki) eta UPNrekin (1) elkartuko balitz, ez du gehiengo osoa izango. Hiru alderdien artean 170 aulki dituzte, eta, gutxienez, 176 behar dira gehiengo absolutua eskuratzeko —gehiengo sinplearekin lor daiteke gobernuko presidendetza—. Coalicion Canariaren babesa ere (eserleku 1) ez zaio aski PPri. Espainiako ezkerreko blokeak, berriz, 153 diputatu dauzka: PSOEk 122, eta Sumarrek 31. Ondorioz, Pedro Sanchez PSOEren presidentegaiak Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako alderdi abertzaleen sostengua beharko luke gobernuburua izendatzeko saioan; 26 aulki dituzte ERC, Junts, EH Bildu, EAJ eta BNGren artean. Azkeneko legealdian PSOE eta Unidas Podemos egon dira gobernuan, eta talde abertzaleen beharra izan dute Kongresuan gehiengoak osatzeko. PPk PSOEri hamalau diputaturen aldea atera dion arren, botoetan 300.000rena baino ez dio atera, eta 1,3 punturena. Ez du garaipen argirik erdieitsi. Abertzaleen artean, batez ere, ikusteko dago zer egingo duen Juntsek, denek estutuko duten arren Sanchez. «Guk ez dugu Sanchez presidente egingo hutsaren truke», esan du gauean Miriam Nogueras Juntseko hautagaiak. Sanchezen aurka bozkatzen badute, berriro izango dira hauteskundeak, hilabete batzuk barru. PP-Vox-UPN-CC blokeak (171 aulki) baino aulki bat gehiago du PSOE-Sumar-ERC-EH Bildu-EAJ-BNG blokeak (172), baina Juntsek inbestiduran ezezkoaren alde bozkatuko balu, Sanchezek aurkako boto gehiago lituzke baiezkoak baino, eta, gehiengo sinplerik gabe, ez litzateke gobernuburu izango. Eskuineko blokeak 171 boto batuta, PSOEko buruak gutxienez bere aldeko 172 boto behar lituzke presidente izateko aurkeztuko balitz Kongresuan. Beraz, gutxienik, Juntsen abstentzioa beharko luke, betiere beste talde abertzaleak bere alde bozkatuz gero. Katalunian, Gabriel Rufian ERCko hautagaiak Juntsekoak baino leunago hitz egin du. Konstituzioaren arabera, Espainiako erregeari dagokio hautagai bati gobernua osatzeko elkarrizketak hasteko ardura ematea. Atzerriko botoa, larunbatean; Madrilgo, Kantabriako eta Guadalajarako (PPren alde) eta Tarragonako (PSC) aukerak Datorren larunbatean atzerriko botoak kontatuko dituzte, eta orduan bihurtuko dira Espainiako Gorteetarako hauteskundeetako emaitzak behin betiko. Ikusi beharko da eserlekuetan aldaketarik badagoen ala ez. Bart gaueko emaitzak aztertuta, ematen du aldaketaren bat egotekotan hiru probintziatan leudekeela: Madrilen, Kantabrian eta Guadalajaran eta Tarragonan. Madrilgo erkidegoan, PSOErentzat izan da D'Hondt sistemaren banaketako azkeneko diputatua (herrialdeko 37.a), baina PP 1.749 botora baino ez da geratu. PPk 15 aulki erdietsi ditu han, eta PSOEk 11; kasik 13 punturen aldea egon da bien artean. Ikustekoa izango da larunbatean atzerriko botoa. Kantabrian Voxentzat izan da azkeneko eserlekua, baina PP 428 botora soilik du. PP izan da lehen indarra (%42, 2 aulki); Vox, hirugarren (%14, aulki 1). Guadalajaran Voxentzat izan da azkeneko diputatua, eta PP 2.975 botora dauka. PP izan da herrialdeko lehen indarra, %36,3rekin (aulki 1). Vox hirugarren izan da, %19,2rekin (aulki 1). Han zailagoa dirudi PPk azkeneko aulkia bereganatzea. Juntsek baluke Tarragonako aulkia galtzeko arriskua: azkeneko diputatua jokoan dela, 1.298 botora du PSC; han, bart sozialistak geratu dira lehenengo tokian, botoen %32,9ko babesa jasota (2 diputatu), eta Junts, bosgarren, %11rekin (aulki 1). Gironan ere Juntsena izan da atzeneko aulkia, eta 363 botoren aldea atera dio PPri, baina ez dirudi atzerriko botoak aldaketa ekarriko duenik, bart Juntsek %19,6ko sostengua izan baitu (bigarren, 2 aulkirekin), eta PPk, %9,6koa (bosgarren, aulkirik gabe), Hego Euskal Herrian, bart gaueko datuak aztertuta, ez dirudi emaitza aldatuko duenik atzerriko botoak. Feijook elkarrizketa saioari ekingo dio; Sanchezek ez du zehaztu Gauean, Madrilen PPren egoitzaren atarian, Feijook jakinarazi du elkarrizketa saioari ekingo diola, «gobernatzeko saioa egiteko». Uste du berari dagokiola ekimena hartzea, PP hauteskundeak irabazi dituela eta. Nabarmendu du hiru milioi boto eta 47 diputatu irabazi dituztela 2019ko azaroko bozetatik. Esan du Espainiako hauteskundeetako irabazleak gobernatu izan duela beti, eta beste aldeei eskatu die «ez blokeatzeko». PPren egoitzaren atarian, haren zaleek Isabel Diaz Ayuso Madrilgo erkidegoko presidentearen aldeko ohiuak egin dituzte tarteka —Feijooren ondoan izan da Ayuso, besteak beste—. Sanchezek bozen ondoren esan du «bloke atzerakoiak porrot» egin duela, eta PSOEk lehen baino babes handiagoa lortu duela (bi eserleku eta milioi bat boto gehiago). «Askoz gehiago gara Espainiak aurrera egin dezan nahi dugunak, eta horrela izango da aurrerantzean ere». Dena dela, ez du zehaztu Moncloan segitzeko ahalegina egingo duen. Emaitzak ikusita, PSOEk oholtza txiki bat prestatu behar izan du egoitza atarian bere ehunka zaleren aurrean ekitaldi bat egiteko; han mintzatu da Sanchez. Yolanda Diaz Sumarren presidentegaiak esan du gaur «jendeak lo lasaiago» egingo duela. «Demokrazia indartuta atera da. Herri hobea dugu». Santiago Abascal Voxen presidentegaiak Feijoo zoriondu du, «hauteskundeak irabazi dituelako». Haren ustez, Sanchezek inbestidura «blokeatu» dezake; «are okerrago, presidente izenda dezakete» beste indarrek. Kongresurako bozetako emaitzak %100 zenbatuta PP: 136 diputatu (+47 duela azken bozetatik). PSOE: 122 (+2). Vox: 33 (-19). Sumar 31 (-7, Unidas Podemos eta beste talde batzuen emaitzekin alderatuta). ERC: 7 (-6). Junts: 7 (-1). EH Bildu: 6 (+1). EAJ: 5 (-1). BNG: 1 (berdin). CC: 1 (+1). UPN: 1 (2019an Navarra Suma koalizioak, UPN barruan zela, 2 aulki) CUP: 0 (-2). Teruel Existe: 0 (-1). Geroa Bai: 0 (berdin). Botoetan, nahikoa parean PP eta PSOE Botoetan nahikoa parean geratu dira PP eta PSOE. PPk bozen %33 jaso ditu, eta PSOEk, %31,7. PPk 8 milioi boto batu ditu, eta PSOEk, 7,7. Kongresuan ordezkaritza lortu duten beste taldeen artean, Voxek %12,3 lortu du (3 milioi boto), Sumarrek ere %12,3 (3 milioi boto), ERCk %1,9, Juntsek %1,6, EH. Bilduk %1,3, EAJk %1,1, BNGk %0,6, CCk %0,4 eta UPNk %0,2. Bestalde, Geroa Baik %0,04. Senatuan, PPk gehiengo osoa Espainiako Senatuan PPk gehiengo absolutua lortu du. PSOE geratu da bigarren, eta hirugarren indarra EH Bilduren eta ERCren arteko koalizioa izan da.
2023-7-23
https://www.berria.eus/albisteak/231055/moskuk-eraso-egin-dio-odesari-hemeretzi-misilekin.htm
Mundua
Moskuk eraso egin dio Odesari, hemeretzi misilekin
Katoliko ortodoxoen eliza bat jo dute, eta Unescok Errusia ohartarazi du, ondareari eginiko erasoengatik. Bi lagun hil dira eta hogeiren bat zauritu erasoaren ondorioz.
Moskuk eraso egin dio Odesari, hemeretzi misilekin. Katoliko ortodoxoen eliza bat jo dute, eta Unescok Errusia ohartarazi du, ondareari eginiko erasoengatik. Bi lagun hil dira eta hogeiren bat zauritu erasoaren ondorioz.
Errusiak Odesa bonbardatu du beste behin ere, airez, itsasoz eta lurrez —Krimeatik—. Hemeretzi misil jaurti, eta Ukrainako defentsa sistemek horietatik bederatzi lurreratu dituzte, Efe berri agentziaren arabera. Bi hildako eta hogeiren bat zauritu utzi ditu eraso horrek. Odesako katoliko ortodoxoen katedral nagusia jo du erasoak, zeina Moskuko patriarkatu ortodoxoaren mende baitago. Unescok jakinarazi du Odesako 25 monumentu arkitektonikotan kalteak eragin dituztela Moskuren misilek, eta halakoak «gerra krimentzat» har litezkeela ohartarazi dio Unescok berak Errusiari. «Herri baketsuen kontra, bizitokien kontra, katedral baten kontra... misilak. Errusiarren gaiztakeriak ez du aitzakiarik», adierazi du Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak. Erantzun egingo dutela hitzeman du, eta NATOrekin lehenbailehen biltzeko ere eskatu du. Erantsi du Ukrainak ezinbestekoa duela «aireko erasoen kontrako ezkutu bat». Berez, asteazkenean hitzordua jarria dute Ukrainak eta NATOk, baina laboreen garraioari buruz hitz egiteko. Errusiak bertan behera utzi du Ukrainatik laboreak ateratzeko hitzarmena aste honetan. Errusiak, baina, ukatu egin du berak katedralari eraso egin izana. Urpeko droneak ziren erasoaren helburua, Moskuren hitzetan; baita «mertzenario atzerritarrak» ere. Kieven arabera, aldiz, zibilen eraikinei eraso die Moskuk. Bestetik, luku bonbak erabili izana aurpegiratzen diote bi aldeek elkarri. Donetskeko hiri batean gertatu da erasoa, igandean bertan, eta laguntza humanitario eta medikoa emateko zentro bat suntsitu da horren eraginez. Ukrainak soldadu errusiarrei leporatu die eraso hori, baina Errusiak ukatu egin du. Aleksandr Lukaxenko Bieloerrusiako presidenteak eta Vladimir Putin Errusiakoak bilera egin dute gaur, San Petesburgon, eta bilera horretan Lukaxenkok esan du Wagnerreko mertzenario taldeak baimena eskatu izan diola «mendebaldera» joateko; Poloniara sartzeko, alegia. Wagnerreko militarrak kontrolpean edukiko dituela hitzeman dio Lukaxenkok Putini, halere. Mertzenario talde horren 10.000 soldadu inguru daude Bieloerrusian gaur egun, Putinen kontra egin zuten altxamenduaren ostean hara mugitu baitira asko. Putinek, berriz, adierazi du Ukrainako armadak 26.000 soldadu galdu dituela, ekainaren 4an «ofentsiba» hasi zuenetik. Kieven eraso horrek porrot egin duela iritzi dio.
2023-7-24
https://www.berria.eus/albisteak/231056/greziako-rodas-irlan-30000-lagunetik-gora-ebakuatu-dituzte-suteengatik.htm
Mundua
Greziako Rodas irlan 30.000 lagunetik gora ebakuatu dituzte suteengatik
Duela sei egun piztu zen sua, eta gutxienez hiru foku kontroletik kanpo daude oraindik. Irlako hamabi udalerri osorik hustu behar izan dituzte.
Greziako Rodas irlan 30.000 lagunetik gora ebakuatu dituzte suteengatik. Duela sei egun piztu zen sua, eta gutxienez hiru foku kontroletik kanpo daude oraindik. Irlako hamabi udalerri osorik hustu behar izan dituzte.
Astea hastearekin bat piztu zen sua Greziako Rodas irlan, eta, egunek aurrera egin ahala, fokuak ugaritu, eta egoerak okerrera egin du. Denera, 30.000 lagunetik gora ebakuatu behar izan dituzte orain arte, eta, suteak direla medio, herrialdean inoiz martxan jarritako ebakuazio plan handiena bihurtu da, Kyriakos Miitsotakis Greziako lehen ministroak jakinarazi duenez. Gainera, azken orduetan azkartu egin behar izan dituzte jendea suak harrapatutako eremuetatik ateratzeko lanak. Larunbat gauean, esaterako, 2.000 turista atera zituzten bi hondartzatatik, hainbat itsasontzitan. Greziako Armadaren Indar Berezien txalupek eta 30 belaontzi pribatuk ere hartu zuten parte ebakuazioan. Turistak zein irlako bizilagunak dira ebakuatu dituzten milaka pertsonak, eta horietako asko Rodas iparraldean geratu dira oraingoz; hango eskoletan, kirol instalazioetan zein etxe partikularretan prestatu dituzte haientzako lo lekuak. Suak gutxienez irlako hamabi udalerri osorik hustea eragin du; horien artean daude, besteak beste, Lindos —bertan den Akropolisagatik da ezaguna—, Kalathos eta Pefka. Azken orduetan, Kiotari eta Gennari ere batu dira hustutako herrien zerrendara. Eguraldi iragarpena, kontra Gobernuko ordezkariek esan dutenez, talde handia ari da parte hartzen garrak mendean hartzeko lanetan —260 suhiltzaile baino gehiago, Infanteriako hamasei unitate, 49 ibilgailu eta zazpi hegazkin—, baina eguraldiak ez du laguntzen. Tenperatura oso beroak izan dituzte egunez egun, eta haizearen etengabeko aldaketak ere lanak oztopatzen ari dira. Dagoeneko badira sei egun sua irlan hedatzen ari dela, eta, gutxienez, hiru foku piztuta daude oraindik. Vasilis Vathrakogiannis Suhiltzaileen Departamentuko kideak adierazi duenez, «ikaragarri zailak» gertatzen ari dira lanak, eta datozen egunetarako iragarpena ere ez dute alde: 30 gradutik gorako tenperaturak espero dituzte. Nagusiki, irlaren erdiguneko eta ekialdeko baso eremua kiskali dute suteek, eta itsasotik mendialdera doan hamar kilometroko hiruki batean jarrita daukate arreta orain.
2023-7-23
https://www.berria.eus/albisteak/231057/psoek-irabazi-du-hego-euskal-herrian.htm
Gizartea
PSOEk irabazi du Hego Euskal Herrian
PSOEk zazpi diputatu lortu ditu; EH Bilduk, sei; EAJk, bost; PPk, hiru; eta Sumarrek eta UPNk, bakarra. Duela lau urteko emaitzekin alderatuta, PSOEk 70.000 boto irabazi ditu, eta EH Bilduk, 55.000; aldiz, EAJk 100.000 inguru galdu ditu.
PSOEk irabazi du Hego Euskal Herrian. PSOEk zazpi diputatu lortu ditu; EH Bilduk, sei; EAJk, bost; PPk, hiru; eta Sumarrek eta UPNk, bakarra. Duela lau urteko emaitzekin alderatuta, PSOEk 70.000 boto irabazi ditu, eta EH Bilduk, 55.000; aldiz, EAJk 100.000 inguru galdu ditu.
Argitu da nork ordezkatuko dituen Hego Euskal Herriko herritarrak Espainiako Gorteetan. Boto guztiak zenbatuta, PSOE izango da garaile, eta zazpi ordezkari lortu ditu Espainiako Kongresurako. Haren atzetik bigarren geratu da EH Bildu, sei diputatu eskuratuta. Halaber, bost diputatu lortu ditu EAJk, hiru PPk, eta bana Sumarrek eta UPNk. Parte hartzea %67,2koa izan da. Horiek horrela, PSOEk irabazi ditu hauteskundeak Hego Euskal Herrian. Gipuzkoan, Bizkaian eta Nafarroan lortu ditu emaitzarik onenak, bina diputatu lortu baititu hiru lurraldeetan. Gainera, beste ordezkari bat lortu du Araban. Horrela, nabarmen hobetu ditu duela lau urteko emaitzak; izan ere, bost aulki lortu zituzten orduan, orain baino bi gutxiago. Nafarroan eta Gipuzkoan irabazi dituzte ordezkariak, eta duela lau urte baino 71.000 boto gehiago berenganatu dituzte: orotara, 382.624. Bigarren egin du EH Bilduk, eta PSOEtik 49.000 botora geratu da. Sei ordezkari eskuratu ditu koalizio abertzaleak —bina Gipuzkoan eta Bizkaian, eta bana Araban eta Nafarroan—. Horrenbestez, aurreko bozekin alderatuta, eserleku bat irabazi dute —Bizkaian—, eta 55.000 boto gehiago jaso dituzte. Orotara, 333.362 boto lortu ditu koalizio abertzaleak. Hego Euskal Herrian, hirugarren indarra izan EAJ, EH Bildu baino 58.000 boto gutxiago lortuta. Atzera egin du, eta eserleku bat gutxiago izango du —Bizkaian galdu du—. Hain zuzen ere, bost ordezkari izango ditu Espainiako Kongresuan: bina hautetsi lortu ditu Bizkaian eta Gipuzkoan, eta bat Araban. Guztira, 275.782 lagunek babestu dute EAJ, azken bozetan baino 100.000 pasatxo gutxiagok. Gora egin du PPk, eta hiru ordezkari lortu ditu Hego Euskal Herrian Espainiako Kongresurako. Hautetsi bana lortu du Araban, Bizkaian eta Nafarroan. 188.272 euskal herritarren babesa jaso dute. Duela lau urte, Nafarroan bi ordezkari lortu zituzten, UPNrekin Navarra Suma koalizioan aurkeztuta. Yolanda Diazen Sumarrek diputatu bakarra lortu du, Bizkaian. Elkarrekin Podemosek, duela lau urte, lau eserleku eskuratu zituen. Denera, 170.595 boto jaso ditu, orain lau urte baino 76.000 gutxiago. Eta inkestek ezetz esan badute ere, UPNk ere ordezkari bat izango du; 51.764 boto jaso dituzte. Azken aldian Navarra Suma koalizioan aurkeztu zen, PPrekin batera. Orduan, bi eserleku lortu zituzten. 49.156 lagunek Voxi eman diote botoa; ez dute ordezkaririk eskuratu. Lurraldez lurralde Emaitzei beste buelta bat emanda, hauxe lurraldez lurraldeko egoera. Araban, PSOE izan da nagusi, botoen %27,7 eta eserleku bat eskuratuta. EH Bildu izan da bigarren indarra, beste ordezkari bat eta botoen %19,6 eskuratuta. PP, berriz, hirugarren geratuko da, eta botoen %17,9 eta diputatu bat lortu ditu. Azkenik, EAJ laugarren izan da, eserleku batekin eta botoen %16,6rekin. Bizkaian, EAJ izan da garaile, bi diputaturekin eta boto emaileen %27ren babesa jasota. PSOE geratu da haren atzetik, bi ordezkarirekin eta botoen %25,9rekin. Hirugarren indarra izan da EH Bildu, beste bi ordezkari eta botoen %20,7 lortuta. Halaber, PPk ordezkari bat izan du, baita botoen %11,5 ere. Eta azken indarra Sumar izango da, ordezkari batekin eta botoen %10,9rekin. Gipuzkoan, EH Bildu nagusitu da, eta bi eserleku eta botoen %31,2 lortu ditu. Haren atzetik, bigarren, PSOE geratu da, bi ordezkarirekin eta botoen %23,2rekin. Hirugarren izan da EAJ, eta botoen %22,7 eta bi ordezkari eskuratu ditu. Nafarroan ere PSOE izan da garaile: bi ordezkari lortu ditu, eta botoen %27,4. EH Bildu izan da bigarren indarra, aulki bat eta boto emaileen %17,3ren babesa lortuta. PPk hirugarren egin du, eta ordezkari bat eta botoen %16,7 izan ditu. Ordezkaritza lortuko duen azken indarra UPN izan da: eserleku bat eta botoen %15,3 izan ditu. Espainiako Senatua Espainiako Kongresuko ordezkariak ez ezik, Espainiako Senatukoak ere aukeratu dituzte. Kongresuan bezala, PSOE izan da nagusi, zazpi ordezkari lortu baititu —hiruna Araban eta Nafarroan, eta bat Bizkaian—; EH Bilduk lau aulki lortu ditu —hiru Gipuzkoan eta bat Araban—. EAJk ere lau ordezkari izango ditu —hiru eskuratu ditu Bizkaian, eta bat Gipuzkoan—. Zalantzan dago beste senatari bat UPNrena edo EH Bildurena izango den. Alderdien erreakzioa Boto guztiak kontatuta, alderdiak hasi dira balorazioak egiten. EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik nabarmendu du «sekulakoa» egin dutela eta «oso pozik» daudela: «Apaltasun osoarekin esaten dugu: Euskal Herriak gaur beste urrats bat egin du aurrera». Eta horrek eskaintzen duen aukera goraipatu du: «Aldaketa politiko eta ziklo politiko berri baten aurrean dago gure herria, zorionez». Espainiako Gobernua osatzerakoan, berriz, «ardura politikoz» jokatuko dutela ziurtatu du, eta esan du independentistak direla, baina baita, esaterako, antifaxistak ere. Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek ere «balantze ona» egin du. Izan ere, haren hitzetan, «helburu nagusia» lortu dute, Madrilen talde parlamentario propioa izatea. Nabarmendu du Espainiako Gobernuko presidentea hautatzerakoan euskal herritarren interesen eta autogobernuaren zerbitzura jarriko dituztela beren botoak. Ez du aipamenik egin galdutako botoen eta ordezkarien inguruan.
2023-7-23
https://www.berria.eus/albisteak/231058/parte-hartzea-672koa-izan-da-hego-euskal-herrian.htm
Politika
Parte hartzea %67,2koa izan da Hego Euskal Herrian
Hegoaldean Espainiako Gorteetarako bozetan izan ohi den batezbestekoaren parekoa izan da abstentzioa.
Parte hartzea %67,2koa izan da Hego Euskal Herrian. Hegoaldean Espainiako Gorteetarako bozetan izan ohi den batezbestekoaren parekoa izan da abstentzioa.
2,2 milioi herritar zeuden botoa ematera deituta Hego Euskal Herrian, eta horietatik 1,4 milioik eman dute: %67,2k. Ez da alde handirik egon lurraldeen artean; Araban %67,2, Bizkaian %67,9, Gipuzkoan %67,4 eta Nafarroan %69,7. Batez beste, Hego Euskal Herrian %69koa izan ohi da parte hartzea Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan, eta, oraingoan, puntu bat handitu da parte hartzea 2019ko azaroko bozekin alderatuta. Ohikoa da parte hartzea handiagoa izatea Espainian Hego Euskal Herrian baino, eta oraingoan ere hala gertatu da; %70koa izan da Espainian. Batez beste, %73koa izan da orain arte Espainian; Hego Euskal Herriko batezbestekoa baino lau puntu gehiago. Orain, joera hori ia errepikatu egin da, hiru punturen aldea egon baita Hegoaldeko eta Espainiako parte hartze datuen artean.
2023-7-24
https://www.berria.eus/albisteak/231059/espainoletan-espainolenak.htm
Politika
Espainoletan espainolenak
Madrilgo Genova kalearen inguruko bizilagun askok esan dute PPri eman diotela botoa. Bandera gorri-horiak astindu dituzte «Espainiaren batasuna» aldarrikatzeko, «hautsi nahi duten horien» aurrean.
Espainoletan espainolenak. Madrilgo Genova kalearen inguruko bizilagun askok esan dute PPri eman diotela botoa. Bandera gorri-horiak astindu dituzte «Espainiaren batasuna» aldarrikatzeko, «hautsi nahi duten horien» aurrean.
Madrilen, kilometro karratu berean daude Kristobal Kolonen omenezko plaza, Espainiako Auzitegi Nazionala, Auzitegi Gorena, Falange Espainolaren sortzaile Jose Antonio Primo de Riveraren jaiotetxea eta PPren egoitza nagusia. Hedabideek eta madrildarrek Genova deitzen diote eraikinari —Genova kalean dagoelako—, baina, izena kenduta, Italiarekin ez dauka inolako zerikusirik. Eremu hori espainola da, oso espainola. Espainiako Gorteetarako hauteskundeak PPk irabazi izana ospatzeko atzo inguruan elkartu zen jendetzaren arabera, espainoletan espainolena. Gaueko jendetza ez zen hauteskunde egunean batu, bare baitzeuden Madrilgo erdiguneko kaleak; uztaileko edozein igande goiz ematen zuen. Genova kalearen alde batetik bestera, PPren presidentegai Alberto Nuñez Feijooren aurpegia ageri zen behin eta berriz farolaz farola, baina PPren egoitzakoa zen argazkirik handiena; fatxada ia osoa hartzen zuen Feijooren aurpegiak, mezu batekin: «Es el momento» (Orain da garaia). Ez zen oraindik jendea kalera irteteko garaia. Dozena bat polizia eta beste pare bat pertsona zeuden Feijooren argazkietatik gertu. Horietako bat kaleak garbitzen ari zen udal langilea da. Emakume arrazializatua da, eta nabarmendu du ez duela botoa emateko eskubiderik, baina izango balu ere ez lukeela bozkatuko: «Ez dut konfiantzarik erakundeetan». Inguruan lanean dabilen beste pertsona bat PPren egoitzaren ondoko kioskoko langilea da. Mutil gazte bat da, eta salgai dituen egunkarien artean, El País-ena da pilarik handiena. «PPren egoitzaren ondoan gauden arren, hemen inguruan El País beste egunkariak baino hamar aldiz gehiago saltzen da», esan du besapean El Mundo daraman andre bat kiosko paretik pasatu den bitartean. Goiza aurrera joan ahala, tenperatura igoz joan da. Fresko samar egoten da, ordea, Genova kaletik minutu batera dagoen Santa Barbara elizan. Eguerdiko mezan elkarri «bakea» eman diotenean, abanikoa gorde behar izan dute askok. Apaizak «batasuna» defendatu du sermoian. Mezetatik irten diren batzuek, zehazki, «Espainiaren batasuna» aldarrikatu dute. «Espero dut inkestek diotena betetzea [inkesta askok esaten zuten PP gailenduko zela bozetan]. Espainiaren aldeko gobernu bat nahi dut. Oraingoa Espainia hautsi nahi dutenekin bat etorri da, eta onartezina da», esan du mezetatik irten den andre batek. Beste gizon heldu batek nabarmendu du ez dagoela «askatasunik», eta «berriro egon dadin» eskuinak egon beharko lukeela Moncloako jauregian. Elizan serora lanak egin dituenak nabarmendu du PPren alde bozkatuko duela, «balio kristauak defendatzen dituelako». PPren egoitzaren inguruan bizi diren gehienek Isabel la Catolica institutuan eman dute botoa. Aurerra eta atzera ibili dira boto emaileak eta ahaldunak. PPko eta Vox alderdi ultraeskuindarreko ahaldunak elkarrekin hizketan egon dira sarri. Boto emaile batzuek nabarmendu dute «ezkerrari» emango diotela botoa, eta denek arrazoi bera eman dute: PPren eta Voxen gobernu bat «atzerapauso demokratiko bat» izango dela. Hala ere, denek uste dute, inkesta gehienei erreparatuz, eskuina dela bozak irabaztekoa. Hori nahi duten beste asko ere egon dira botoa ematen. Horietako batek esan du «bihotzez» emango diola botoa PPri: «Bizitza osoan eman diot botoa. Aitak ere ematen zion: militarra zen. Voxek irabaziko balu ere ez nuke arazorik izango». Cayetano itxurako mutil gazte batek nabarmendu du «eskuinari» botoa emango diola «zergak jaitsi ditzaten». Beste andre bat alabarekin joan da botoa ematera, nahiz eta alabak 16 urte dituen —eta Espainiako banderaren eskumuturrekoa— . Voxi emango dio botoa, eta agerian utzi du bere ideologia transfoboa: «Nire alabak ezin du botoa eman, baina sexua aldatu dezake? Ez du ez hanka, eta ez buru». Urduritasuna Iluntzean, 20:00ak pasatuta, jendetza hasi da biltzen PPren egoitzaren inguruan. Kazetari ugari, polizia gehiago eta hainbat zale daude Genova kalean. Minutuak aurrera joan ahala, hasi da gero eta jende gehiago gerturatzen. Gazte asko daude —kolore beixeko arropa eta nautikodun asko—, baita jende heldua ere. Lehen emaitzak atera ahala, PSOE eta PP pareko joan dira, baina sozialistak aurretik. PPren zale batek lehen emaitzak ikusi ditu sakelakoan. «Putza! PSOE lehen!», esan dio itxuraz bere neska laguna denari. «Lasai, %10 baino ez dute zenbatu», erantzun dio. Gero, Japoniako kazetari batzuen galderei erantzun die, eta nabarmendu du PP dela «aukerarik onena». Genovan elkartu direnek zerbait badute komunean, hori kolore gorri-horiak dira. Espainiako banderak astindu dituzte, kapa moduan jantzi, gerrikotik lotu, eskumuturreko batean eraman. Denetariko moduak aurkitu dituzte bandera espainola erakusteko. Musika ere jarri dute. Esaterako, entzun da Julio Iglesiasen Me va, me va. Laster kendu dute, ordea. Botoen %30 baino gehiago zenbatuta, PSOEk segitu du aurretik. Jendea sakelakoetan murgildu da. Gizon heldu batek albokoari esan dio: «Lasai egon. Irabaziko dugu, eta cava botila bat erosiko dugu». Kostatu da giroa berotzea, inkesten emaitzen hauspoa zutelako, eta zenbakiek oraindik ez zietelako gobernatzeko ematen. Une batean, jendea algaraka hasi da. Botoen %60 zenbatu eta gero, PP gailendu da. Zaleak Espainiako banderak astintzen hasi dira, eta denetariko leloak abesten: «Feijoo presidente», «Bozka dezala zure alde Txapotek» eta «Nabari da, ikusten da PPren garaipena», esaterako. Beren liderraren zain daude, eta «Gora Espainia» oihukatu dute bitartean, baita izen bereko abestia abestu ere, Manolo Escobarrena. Y España es la mejor (Eta Espainia da onena), dio kantuak. Orduan, Feijoo balkoira atera da.
2023-7-24
https://www.berria.eus/albisteak/231060/pse-ee-nagusi-eusko-legebiltzarrean-espainiako-emaitzak-errepikatuz-gero.htm
Politika
PSE-EE nagusi Eusko Legebiltzarrean, Espainiako emaitzak errepikatuz gero
Legealdia datorren urtean da amaitzekoa, baina ikusteko dago Urkulluk noizko deitzen duen bozetara.
PSE-EE nagusi Eusko Legebiltzarrean, Espainiako emaitzak errepikatuz gero. Legealdia datorren urtean da amaitzekoa, baina ikusteko dago Urkulluk noizko deitzen duen bozetara.
Hauteskundeetako emaitzek aldiro-aldiro erakusten dute boto emaileen portaera aldatuz doala hauteskunde esparruaren arabera. Hala ere, bart gaueko emaitzak estrapolatuz gero, Eusko Legebiltzarreko indar harremanak nabarmen aldatuko lirateke. Horren arabera, PSE-EE litzateke lehen indarra legebiltzarrean. Hogei legebiltzarkide izango lituzke: zazpi Araban, beste zazpi Bizkaian, eta sei Gipuzkoan. Gaur egun, EAJk eta PSE-EEk osatzen dute Jaurlaritza. Bi indarrek ez lukete gehiengo absolutua bermatua izango: EAJk hamazazpi eserleku lortuta, 37 ordezkari batuko lituzkete EAJk eta PSE-EEk; gehiengo absoluturako baten faltan. Jeltzaleak hirugarren indarra lirateke parlamentuan: sei ordezkari lituzkete Gipuzkoan, lau Araban, eta zazpi Bizkaian. EH Bildu litzateke bigarren indarra Eusko Legebiltzarrean, hemezortzi kide eskuratuta. Gipuzkoan lortuko luke gehien, zortzi, eta Araban bost, baita Bizkaian ere. PPk hamar ordezkari eskuratuko lituzke —bost Araban, hiru Bizkaian eta bi Gipuzkoan—, eta Sumarrek, bederatzi —hiruna hiru lurraldeetan—. Gainera, Voxek ordezkari bakarra lortuko luke. Dataren zain Eusko Legebiltzarrean urtebete falta da legealdia amaitzeko, eta ikuskizun dago Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak noizko deitzen duen bozetara. Zenbait iturrik zabaldu dute ekainaren 9a izan litekeela data, egun horretan baitira Europako Legebiltzarrerako hauteskundeak. Horrek aukera emango lioke Jaurlaritzari aurrera ateratzeko falta dituen legeak onartzeko. Haatik, udal eta foru hauteskundeen ondoren Espainiako Gorteetarako bozak eginda, Eusko Legebiltzarrekoek itxiko dute hauteskunde zikloa. Ziklo horretan porrot nabarmenak izan ditu EAJk, eta jeltzaleek kalkuluetan aintzat hartu beharko dute hauteskundeak 2024ko ekainera arte ez egiteak kostua izan dezakeen ala, kontrara, azken porrotak iraultzeko denbora ematen dion.
2023-7-24
https://www.berria.eus/albisteak/231076/eajk-eh-bilduk-psek-eta-ppk-diputatu-bana-lortu-dute-araban.htm
Politika
EAJk, EH Bilduk, PSEk eta PPk diputatu bana lortu dute Araban
PSE-EEk jaso du boto gehien, EH Bilduren aurretik. EAJk beherakada nabarmena izan du:12:000 boto eta zazpi puntu galdu ditu. Lau diputatuak gizonezkoak dira.
EAJk, EH Bilduk, PSEk eta PPk diputatu bana lortu dute Araban. PSE-EEk jaso du boto gehien, EH Bilduren aurretik. EAJk beherakada nabarmena izan du:12:000 boto eta zazpi puntu galdu ditu. Lau diputatuak gizonezkoak dira.
Lau gizonek ordezkatuko dituzte arabarrak Espainiako Kongresuan. Espero bezala, PSE-EEk, EH Bilduk, PPk eta EAJk ordezkari bana lortu dute. Inkesta guztiek bide horretan jotzen zuten, eta hautetsontziek berretsi egin dituzte. Boto kopuruan eta alderdien hurrenkeran zegoen zalantza, eta aldaketa nabarmena EAJren jaitsiera izan da. Duela lau urte boto gehien bildutako alderdia izan zen; orain, aldiz, laugarren postura jaitsi da, zazpi puntu, 12.000 boto eta zituen hiru senatariak galduta. Boz gehien jaso duena, berriz, PSE-EE izan da. Daniel Senderos (PSE-EE), Iñaki Ruiz de Pinedo (EH Bildu), Javier de Andres (PP) eta Mikel Legarda (EAJ) izango dira Araba ordezkatuko duten diputatuak. De Andres ez beste guztiak aurretik ere diputatuak ziren, eta ondo ezagutzen dute Kongresuko jarduna. Arabako ahaldun nagusi ohiak, aldiz, hau izango du lehen legegintzaldia Madrilen. Diputatu kopuru bera lortu arren, PSE eta EAJ txanponaren bi aldeak dira. Alderdi sozialistak Hego Euskal Herri osoko olatua hartu du Araban ere; EAJk, berriz, bizkarrekoa hartu du. Bere diputatua une batez ere arriskuan ez ikusi arren, jeltzaleek Kongresurako azken lau bozketetako —2016koak eta 2019ko biak— emaitzarik txarrenak izan dituzte, eta maiatzean foru aldundirako lorturiko boto kopurutik urrun gelditu dira. Deigarria da, halaber, Araban zituen hiru senatariak galdu izana. 2019ko bi bozketetan eta maiatzean, boto gehien zuen alderdia izan zen EAJ, eta orain, berriz, laugarren postura jaitsi da. Bozen %16,6 lortu ditu; ondorioz, zazpi puntu galdu ditu duela lau urteko hauteskundeen aldean, eta bederatzi maiatzekoen aldean. 2016ko emaitzetatik oso gertu gelditu da; orduan, baina, Elkarrekin Ahal Dugu-ren agerraldi indartsuak kalte egin zion. Boto kopuruari dagokionez, duela lau urte baino hamabi mila gutxiago jaso ditu, eta maiatzean baino 9.000 gutxiago. Herri eta hiri guztietan egin du behera; horren adibide, Bastida (Araba). Udalaren osaketak zeresan handia eman zuen, eta EAJk hamar puntu galdu ditu 2019koen aldean. PSEk, berriz, kontrako bidea egin du. Duela lau urte baino 9.000 boto gehiago lortu ditu, eta 2016an baino 20.000 gehiago. Horiei esker, bost puntu eta erdi egin du gora, eta hiru senatari lortu ditu. Maiatzeko hauteskundeetako emaitzekin alderatuta ere, hobekuntza agerikoa da: 19.000 boto gehiago. Alde horretatik, nabarmentzekoa da Gasteizen lorturiko emaitza ona: boto gehien izan duen alderdia izan da, botoen %29,8 bereganatuta, PP bigarrenak baino hamar puntu gehiago. EH Bilduk eta PPk ere emaitza onak lortu dituzte: biak ala biak hiruna puntu inguru igo dira. Koalizio subiranista, maiatzean gertatu bezala, botoetan bigarren alderdia izan da: %19,5, ia 33.000 boto. Duela lau urteko emaitzekin alderatuta, 5.500 boto gehiago lortu ditu, eta ia lau puntu egin du gora. Horri esker, senatari bat ere lortu du. Hori bai, maiatzean baino 3.000 boto gutxiago dira. Alderdi Popularrak duela lau urte galduriko diputatua berreskuratu du, eta itzal handiko politikari bat bidaliko du Madrilera. 2019an baino 4.000 boto gehiago lortu ditu (+%2,8), eta maiatzean baino 5.000 gehiago. Diputaturik gabeko alderdiei dagokienez, Sumar izan da bosgarrena. Botoen %12,5 jaso ditu, eta ordekaritza lortzetik sei mila botora gelditu da. Duela lau urte Unidas Podemosek lorturiko 28.000 botoetatik urrun gelditu da, eta 2016an Elkarrekin Ahal Dugu-k lorturiko erdiak baino gutxiago batu ditu —51.827 lortu zituen—. Azkenik, Vox izan da seigarren indarra, 6.500 botorekin. Duela lau urte baino boto gutxi batzuk gehiago lortu ditu, baina maiatzean baino bi mila gehiago.
2023-7-24
https://www.berria.eus/albisteak/231078/otegi-balantza-antifaxismora-desorekatuko-dugu.htm
Politika
Otegi: «Balantza antifaxismora desorekatuko dugu»
EH Bilduko koordinatzaile nagusiak nabarmendu du euskal gizarteak indar subiranista «saritu eta indartu» duela. Lander Martinez Sumarren Bizkaiko zerrendaburuak adierazi du ezkerreko indar berriak «bete» egin duela bere helburua.
Otegi: «Balantza antifaxismora desorekatuko dugu». EH Bilduko koordinatzaile nagusiak nabarmendu du euskal gizarteak indar subiranista «saritu eta indartu» duela. Lander Martinez Sumarren Bizkaiko zerrendaburuak adierazi du ezkerreko indar berriak «bete» egin duela bere helburua.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeen emaitzen analisia egiteko, EH Bilduren Mahai Politikoak bilera egin du gaur goizean. Ondoren eginiko agerraldian, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak nabarmendu du Amaiurrek 2011n jarritako sabaia gainditu duela EH Bilduk, 335.000 boto lortuta eta parte hartzea 2011koa baino apalagoa izanda: «Abstentzioa handitzen denean ere, EH Bilduk gehitu egiten ditu bere botoak. Euskal Herriak jakin du gure aukera politikoa saritzen, eta baloratu du gure koherentzia eta lan politikoa egiteko era». EH Bilduk sei diputatu eta bost senatari izango ditu datorren legealdian. Otegiren iritziz, Euskal Herriak «lehentasun» bat finkatu zuen: «Espainiako Estatuan ez du gobernu faxistarik nahi. PPren eta Voxen aukera uxatu nahi duen herri bati buruz ari gara». Horretarako, haren arabera, bi boto nagusitu ziren. Batetik, PSEren eta PSNren aldekoa. Hori «boto baliagarri koiunturaltzat» jo du, «beldurrak motibatutakotzat». Bestetik, ezker independentista «saritu eta indartu» duena. Otegiren esanetan, «bloke erreakzionarioak» porrot egin du bart: «Horrek pozten gaitu. Zentzu berean, aukera bat irekita dago Espainiako Estatuan beste mota bateko alternatiba bat eraikitzeko». Eta EH Bilduren posizioa argi utzi du inbestidura saio bati begira: «Gure herriari emaniko hitza beteko dugu; gure esku baldin badago, balantza antifaxismora, burujabetzara eta ezkerrera desorekatuko dugu». Boto baliagarria, PSOErantz Eguerditik EAJren Euzkadi Buru Batzarra bilduta dago atzoko emaitzak aztertzeko, Sabin Etxean, Bilbon. Oraingoz ez dago adierazpen ofizialik. Bilkuraren aurretik, Radio Euskadin eta Onda Vascan hitz egin du itxaso Atutxak, Bizkai Buru Batzarreko presidenteak. Lehen irakurketa azkarrean, azaldu du 100.000 boto inguruko beherakada PSE-EErantz joandako botoen ondorioz izan dela, batik bat Bizkaian. Itxaso Atutxak 2008ko egoerarekin alderatu du. Duela hamabost urte, sozialistek emaitza «bikainak» eskuratu zituzten boto baliagarria erakarri zutelako: «Orain antzera gertatu da. Boto baliagarria PSErantz joan da, eta beste behin herritarrek esan digute ohitu egin behar garela egoera honetara, askok ez baitute bere botoa erabakita. Bestetik, hauteskundeen eta polarizazioaren arabera erabaki dezakete botoa ematea alderdi abertzale bati edo estatuko bati». Inbestidurari begira, azaldu du EAJren jarrera «betidanik izan duenaren antzekoa» izango dela. «Aurreikusteko erraza den alderdia gara. Sozialistek ezagutzen dute gure euskal agenda, eta badakite zein den egoera lau urtetan haiei babesa ematen egon ostean». Pedro Sanchezi aholkatu dio orain arteko unean uneko akordioak bilatzetik inbestidurari begirako «akordio estrategikoak» bilatu beharko dituela, «Euskadin eta Katalunian». Espero du ez dela hauteskunde errepikapenik egongo. Sumar, baikor Sumarrek ere gobernua eratzeko prozesuan jarri du begirada. Lander Martinez Bizkaiko zerrendaburua baikor agertu da gaur egindako balorazioan: «Sumarrek bete egin du bere helburua: bloke progresista berretsi egin da». Elkarrekin Podemosek Hego Euskal Herrian zituen lau ordezkarietatik bakarrari eutsi dio ezkerreko indar berriak, eta zenbakiei erreparatuta, Martinezek onartu du emaitzak ez direla erabat onak: «Gehiago espero genuen, baina igoerak edo jaitsierak ez dira beti garrantzitsuena». Ildo horretan, nabarmendu du «hasiera puntu batean» dagoela Sumar: «Gobernu aurrerakoia berresteko moduan gaude: elkarrizketekin hasi behar gara. Erabakigarriak izango gara, bai estatuan, bai Euskadin irekitzen ari den ziklo berrian ere». Antzera mintzatu da Iñigo Martinez Zaton Ezker Anitzako EAEko antolakuntza idazkaria. Galduta ziruditen hauteskundeetan aurreikuspenak gainditu dituztela nabarmendu du: «Kanpainan, hedabide eta inkestatzaile handiek klima jakin bat sortu dute, eskuinaren eta ultraeskuinaren eta garaipena ziurtzat eman zedin. Sumarrek eta Yolanda Diazek buelta eman diogu». Eserlekuak galdu arren, boto portzentajeak «onak» izan direla erantsi du: «Behin gugan konfiantza izan zutenekin nola birkonektatu aztertu behar dugu». UPN, Feijoorekin Lubakiaren beste aldean dago UPN; Alberto Catalan UPNren zerrendaburuak argi utzi du hauteskunde kanpainaren «ildo berean» daudela eta UPNk Alberto Nuñez Feijoo PPko presidentegaia babestuko lukeela: «Egoera zaila da, baina hemen esan ohi dugun bezala, toreatzaile onak, zezen zailekin». Espainiako irrati publikoan eginiko elkarrizketa batean, Catalanek azaldu du Espainiak beharrezko duela «uneotan herritarrei kezka eragiten dieten gaiei aurre egingo dien gobernu bat». Gai horien artean kokatu du «Nafarroako identitatearen defentsa sutsua, independentismoaren obsesioaren aurrean». Hala ere, aitortu du «Sanchismoak» ez duela «espero bezain emaitza txarra» izan, eta, beraz, nekezagoa izango dela gobernua aldatzea.
2023-7-24
https://www.berria.eus/albisteak/231079/hauteskunde-gauak-18ko-kuota-izan-zuen-etb1en-eta-159koa-etb2n.htm
Bizigiro
Hauteskunde gauak %1,8ko kuota izan zuen ETB1en, eta %15,9koa ETB2n
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, La Sexta katea izan zen liderra; Espainian, La1 ikusi zen gehien.
Hauteskunde gauak %1,8ko kuota izan zuen ETB1en, eta %15,9koa ETB2n. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, La Sexta katea izan zen liderra; Espainian, La1 ikusi zen gehien.
Espainiako Kongresurako eta Senaturako hauteskundeetan alderdi batek lortu du boto gehien Espainian, eta beste batzuk gailendu dira Hego Euskal Herrian. Telebistako ikusle datuetan ere izan da alderik: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, La Sexta katearen ARV Moncloa: Los Resultados saioak lortu zuen ikus-entzule gehien: 103.000 ikus-entzule —%16,9ko ikusle kuota—. Eta kate bereko ARV Moncloa: El análisis programak %21,1eko ikusle kuota bereganatu zuen igande gauean. Espainian, berriz, La1 katea izan zen liderra: bi milioi ikus-entzule izan zituen hauteskundeetako gau bereziak —%18,2ko ikusle kuota—, eta La Sextakoak baino 200.000 ikus-entzule gehiago izan zituen; Antena3eko saio berezia hirugarren tokian gelditu zen. Tele5 kateko hauteskundetako saioak datu eskasa izan zuen , eta La1koaren ikus-entzuleen erdiak izan zituen. ETBk bi kate nagusietan egin zituzten programa berezietan, bestalde, aldea oso handia izan zen: ETB1eko euskarazko saioak %1,8ko ikusle kuota izan zuen; 21:00etatik 23:25erako tartean, euskaldunen artean %5,3koa izan zen kuota. Eta 23:26tik 01:08era bitartean, euskaldunen artean %4,8ko kuota izan zuen ETB1ek. ETB2 kateko gaztelaniazko saio bereziak, berriz, %15,9ko ikusle kuota lortu zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Africa Baetak eta Juan Carlos Etxeberriak aurkeztu zuten saio hori, eta botoen zenbaketa, emaitzen analisia eta lehen erreakzioak eman zituzten. Hala egin zuten ETB1en Nerea Reparazek eta Xabier Usabiagak aurkeztu zuten programa berezian ere. 21:00etatik 23:00etarako tartean, 456.000 ikus-entzulek egin zuten bat uneren batean ETBko bi saioetakoren batekin. Gau osoa aintzat hartuz gero, berriz, 644.000 herritarrek jarri zuten noizbait ETB hauteskundeetan zer gertatzen ari zen jakiteko. EITBren webgunean ere herritar ugari sartu ziren bozen berri izateko: 159.100 erabiltzaile izan zituen igandean talde publikoaren webguneak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, La1 kateko saioak datu apalagoak izan zituen Espainian baino, eta hirugarren aukera izan zen La Sextako eta ETB2ko saioen ondotik. Tourrak datu onak ETBn Frantziako Tourra igandean amaitu zen. Txirrindularitza proba arretaz ikusi dute Euskal Herriko herritarrek. ETB1en, Tourrak %6,3ko ikusle kuota bereganatu du —euskaldunen artean, %12,3koa—. Hori da ETBk Tourrean 2009. urtetik hona lortutako batezbesteko kuotarik onena. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuak dira, Nafarroan ezin baita Tourra ETB1en ikusi —TVEn, bai, ordea—. Tourrari buruzko edukiek 460.561 erabiltzaile izan dituzte EITBren webgunean. Web bidezko zuzeneko streaming-etan, 260.000 erabiltzaile izan ditu Tourrak.
2023-7-24
https://www.berria.eus/albisteak/231080/ponsati-atxilotu-eta-libre-utzi-dute-eta-espainiako-fiskaltzak-puigdemont-preso-hartzeko-eskatu-du.htm
Mundua
Ponsati atxilotu eta libre utzi dute, eta Espainiako Fiskaltzak Puigdemont preso hartzeko eskatu du
Askatu dutenean, eurodiputatuak adierazi du ez dituela erantzun Llarenak bidalitako galderak: «Abokatuak hala gomendatu didalako».
Ponsati atxilotu eta libre utzi dute, eta Espainiako Fiskaltzak Puigdemont preso hartzeko eskatu du. Askatu dutenean, eurodiputatuak adierazi du ez dituela erantzun Llarenak bidalitako galderak: «Abokatuak hala gomendatu didalako».
Clara Ponsati Europako Parlamentuko diputatua Bartzelonara itzuli da gaur, eta han atxilotu dute. Izan ere, Pablo Llarenak, Espainiako Auzitegi Goreneko epaileak, emana du Ponsati epaitegira eramateko agindua, deklaratzeari uko egiteagatik. Eurodiputatuak berak jakinarazi du zer gertatu den, Twitter bidez. Arratsalde hasieran jakin da, ordea, Llarenak uko egin diola Ponsati Madrilera eramateko agintzeari. Horren ordez, galdera sorta bat bidali dizkio Bartzelonako guardiako epaileari, hark galdekatu dezan eurodiputatua. Ondoren, Ponsati askatzeko agindu du, eta atxilotzeko agindua indargabetzeko. Izan ere, ezin du Ponsati behin-behinean preso hartu, hari leporatzen diotenak —desobedientziak— ez dakarrelako espetxe zigorrik, baizik eta isuna. Epaitegitik libre atera denean, Ponsatik adierazi du ez dituela erantzun Llarenak bidalitako galderak: «Abokatuak hala gomendatu didalako». Llarenak ekainaren 21ean eman zuen Ponsati atxilotzeko agindua, apirilaren 24an epailearen aurrean ez agertzeagatik. «Ikertuak nahita eta arrazoirik gabe ez dio jaramonik egin zitazio judizialari», dio autoak. Aginduaren helburua da diputatuak deklaratzea; dena den, hark bere borondatez deklaratzea erabakiko balu, agindua bertan behera geldituko litzateke. Hala ere, Ponsatik argi utzi du berak ez duela borondatez deklaratuko Llarenaren aurrean. Bost urte erbestean egon eta gero, martxoaren amaieran itzuli zen Ponsati Bartzelonara. Bertan atxilotu bazuten ere, aske geratu eta Bruselara itzuli zen. Puigdemont Auzitegi Goreneko Fiskaltzak Llarenari eskatu dio eman dezala Carles Puigdemont bilatzeko eta atxilotzeko nazioarteko agindua, baita haren kontrako beste euroagindu bat ere. «Europako Parlamentuak immunitatea kendu izanak berretsi egin du Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak emandako epaia, eta, horrenbestez, haren egoera pertsonala kontuan hartuta —justiziatik ihes egin du, eta mutririkerian—, bidezkoa da nazioarteko eta Europako atxilotzeko aginduak ematea berriro, 2023ko urtarrilaren 12ko autoan zehaztutako delituengatik», dio eskaerak. Albisteak erreakzio andana eragin du; horien artean, Puigdemontena berarena. «Egun batean erabakigarria zara Espainiaiko Gobernua osatzeko, eta hurrengoan zu atxilotzeko agintzen du Espainiak», dio haren azken txioetako batek. Sare horretan zabaldutako bertze mezu batean, berriz, Junts Per Catalunya alderdiaz eta hauteskundeez aritu da. Adierazi duenez, alderdiak «ez dio inori ezer zor: bere hautesleei bakarrik. «Horregatik ez genuen bozkatu Pedro Sanchezen inbestiduraren alde, ez haren aurrekontuen alde, ez haren tranpen alde; horregatik ez ginen elkarrizketa mahaian izan eta ez genituen indultuak itundu; horregatik atera ginen Generalitatetik; PSCk horregatik egin zuen akordioa PPrekin Bartzelonako alkatetza ateratzeko, eta horregatik ez dugu itunik egin PSCrekin aldundietarako», adierazi du. Adierazpen horiek egin ditu jakinda Sanchezek talde abertzaleen beharra duela Espainiako presidentetzari eusteko, eta Juntsek duela giltza. Katalunia «defendatzen» jarraitu behar dutela dio, haien «hizkuntza, kultura eta nazioa akabatu nahi dituztenen aurka».
2023-7-24
https://www.berria.eus/albisteak/231081/twitter-plataforma-x-izango-da-aurrerantzean.htm
Bizigiro
Twitter plataforma 'X' izango da aurrerantzean
Elon Muskek 'superapp' bihurtu nahi du Twitter. Jada aldatu du plataformaren ikurra mundu osoan.
Twitter plataforma 'X' izango da aurrerantzean. Elon Muskek 'superapp' bihurtu nahi du Twitter. Jada aldatu du plataformaren ikurra mundu osoan.
Elon Muskek Twitter aldatuko du. Plataforma X deituko da hemendik aurrera, eta jada esan dio agur txoriaren logoari. Twitter erabat eraldatzeko proiektuaren hasiera besterik ez da. Musken helburua da «bideo, audio, mezu bidalketa eta ordainketa» zerbitzuak plataforma batean edukitzea, superapp bat osatzea, alegia. Twitterreko CEO Linda Yaccarinok, informazio hori berretsi, eta esan du Twitterrek «inpresio handia eragiteko» bigarren aukera izango duela aldaketa horri esker. IA adimen artifizialarekin funtzionatuko duela baieztatu du, eta adierazi «ideia, ondasun, aukera eta zerbitzuentzat merkatu global bat sortzen» ari dela plataforma. Dena dela, Yaccarinok esan du hasiera baino ez dela, eta plataforma gutxinaka ari dela itxura hartzen . Muskek, Tesla auto elektrikoen enpresaren jabeak, aurreko urteko urrian erosi zuen Twitter, 44.000 milioiren truke. Egun horretatik, langileen %80 inguru kaleratu ditu. Gainera, azken urtean egindako aldaketa gehienek ez dute izan erabiltzaileen onespena. Ikur urdina ordaindu behar izatea, irakurri daitekeen txio kopurua mugatzea... Gainera, uztailaren hasieran, Facebooken eta Instagramen jabe Metak Threads aplikazioa kaleratu zuen Twitterri konpetentzia egiteko, eta lehenengo bost egunetan 100 milioi deskarga baino gehiago eduki zituen.
2023-7-24
https://www.berria.eus/albisteak/231082/israelgo-parlamentuak-mugatu-egin-dio-gorenari-gobernuaren-erabakiak-baliogabetzeko-eskumena.htm
Mundua
Israelgo Parlamentuak mugatu egin dio Gorenari gobernuaren erabakiak baliogabetzeko eskumena
Netanyahuk eta eskuin muturreko koalizioak aurkeztutako erreforma judizialaren parte da legea. Goizean goizetik 20.000 herritar inguru irten dira protestan, eta Poliziak bi lagun zauritu eta hemeretzi atxilotu ditu.
Israelgo Parlamentuak mugatu egin dio Gorenari gobernuaren erabakiak baliogabetzeko eskumena. Netanyahuk eta eskuin muturreko koalizioak aurkeztutako erreforma judizialaren parte da legea. Goizean goizetik 20.000 herritar inguru irten dira protestan, eta Poliziak bi lagun zauritu eta hemeretzi atxilotu ditu.
Hitzordu garrantzitsu bat izan dute gaur Israelgo Knesset Parlamentuan; lehen ministro Benjamin Netanyahuk eta haren gobernukideek aurkeztutako erreforma judizialeko lege bat bozkatu dute, eta aurrera egin du. Hala, Israelgo Auzitegi Gorenak eskumena galduko du arrazoizkotzat jotzen ez dituen gobernuaren erabakiak atzera botatzeko. Erreforma judizialak biltzen dituen legeen artean, «arriskutsuenetako bat» da gaur bozkatu dutena. Izan ere, orain arte Auzitegi Gorenak eskumena izan du gobernuak hartutako edozein erabaki bertan behera uzteko, baldin eta iritzi badio neurria «sistema demokratikoaren» aurkakoa dela. Gaurkoa baino lehen, beste bi bozketa saio egin dituzte Knesseten, eta horietan ere, aurrera egin zuen Netanyahuren proposamenak. Emaitza aurreikusita, egunotan alarma hotsak piztuta eduki dituzte herrialdean. «Garai larriak bizi ditugu. Ezinbestekoa da adostasun batera iristea», ohartarazi zuen Israelgo presidente Isaac Herzogek. Hain justu, akordio bat lortze aldera, Netanyahurekin eta oposizioko lider Yair Lapidekin bildu zen atzo. Herzogek «bide erdiko» proposamen bat aurkeztu zien bi politikariei, besteak beste, hamabost hilabetez erreforma judizialaren bozketa prozesua etetea. Lapidek baiezkoa eman zion proposamenari, baina bereari eutsi zion Netanyahuk. Izan ere, oposizioak hasieratik egin du eskuineko koalizioaren asmoen aurka, eta behin eta berriz eskatu du erreforma atzera botatzeko. Gaur ere, marmarka eta etsita atera dira Knessetetik. Iritzi diote neurri sorta Israelgo «botere orekaren aurkako eraso bat» dela, baita «demokraziaren oinarrien aurka» egiten duela ere. Netanyahuk eta haren taldeak urtarrilean aurkeztu zuten erreforma. Aldatuko lituzketen legeen helburua da gobernuari botere gehiago ematea, eta, judizialari, berriz, dituen eskumenak murriztea. Erreformak berehala eragin zuen herritarren haserrea, eta lehen ministroak lege proiektua eztabaidatzeko prozesua atzeratu zuen martxo amaieran. Edonola ere, lehen ministroak esan zuen, herenegun, bere asmoa dela erreforma judizialeko zenbait neurri hilaren bukaerarako onartzea. Sektore guztietara iritsi dira grebak Gaur zazpi hilabetetik, Israelgo herritarrak kalera irten dira larunbatero. Herrialdeko banderak eskuetan, Netanyahuren eta haren gobernukideen aurkako mezuak oihukatu dituzte, erreforma judizialak hauspotutakoak. Astelehena da gaur, baina Knesseteko bozketa saioaren harira, protestan irten dira berriro ere. Goizean goiz ekin diete mobilizazioei, eta parlamentuko egoitzara iritsi dira pixkanaka-pixkanaka. Sarrera blokeatu dute ehunka manifestarik, baina Polizia berehala saiatu da horiek uxatzen, ur kanoien bidez. Horrela zauritu dituzte bi lagun, eta hemeretzi baino gehiago atxilotu dituzte; horien artean, protesten bultzatzaile nagusietako bat. Beste batzuek grebara jo dute erreforma judizialaren aurka egiteko. Horixe iragarri zuten, joan den astean, armadako aire indarretako 11.000 erreserbista inguruk. Israelgo segurtasuneko dozenaka goi kargudun ohik erabaki hori babestu zuten herenegun, erreforma «segurtasunaren aurkako kolpe bat» dela iritzita. Bide beretik joko dute herrialdeko 150 enpresa handienek. Horien artean, teknologiaren sektoreko konpainiak dira gehienak, eta lanuzteak iragarri dituzte gaurko. «Ekonomiari kalte izugarria egingo dioten, gizartea zatituko duten eta herritar guztion segurtasuna arriskuan jarriko duten neurriak eragozteko, akordioak adostu behar ditugu», adierazi dute.
2023-7-30
https://www.berria.eus/albisteak/231083/ukrainako-gerraz-ertzei-erreparatuz.htm
Mundua
UKRAINAKO GERRAZ, ERTZEI ERREPARATUZ
Nahia Sanzok eta Mikel Aiestaranek denboran atzera egin dute Ukrainan gertatzen ari dena ulertzen saiatzeko. Batetik, kritikagarria zaie agintarien epe laburkeria; bestetik, gerra handik kanpo hedatu nahi ez dutelakoan daude. Kezka agertu dute, gainera, behin gerra bukatuta etor daitekeenarekin, kontuan hartuta paramilitarrak izaten ari diren protagonismoa eta eskuin muturra globalki hazten ari dela.
UKRAINAKO GERRAZ, ERTZEI ERREPARATUZ. Nahia Sanzok eta Mikel Aiestaranek denboran atzera egin dute Ukrainan gertatzen ari dena ulertzen saiatzeko. Batetik, kritikagarria zaie agintarien epe laburkeria; bestetik, gerra handik kanpo hedatu nahi ez dutelakoan daude. Kezka agertu dute, gainera, behin gerra bukatuta etor daitekeenarekin, kontuan hartuta paramilitarrak izaten ari diren protagonismoa eta eskuin muturra globalki hazten ari dela.
Futbol partida batek eta gerra batek, berez, ez dute antzik, baina gerra kontzeptuak oso ohikoak dira futbolean: defentsa, jaurtiketa, kontraerasoa... Ez da harritzekoa, gainera, neurketa garrantzitsu baten atarian jokalariren batek adieraztea «gerrara» doazela. Mikel Aiestaran, aldiz, gerra batetik, Ukrainakotik, etorri berri da etxera; eta Nahia Sanzo gertutik ari da gatazka hori jorratzen. Gerraz aritzeko solasaldiari ekin aurretik, futbola izan dute hizpide; non, eta gotorleku izandako batean, San Markon (Errenteria, Gipuzkoa). Gutxi-asko, hau da gaur egun Ukrainako gerraren egoera. Errusiak esaten du, batetik, ez diela bere helburuei muzin egingo. Bestetik, Ukraina armamentu gehiago eskatzen ari da, eta Mendebaldeak erantzuten dio behar beste denboraz lagunduko diola. Horiek horrela, nola bultzatu daiteke su eten bat? NAHIA SANZO: Ikur batzuk ari dira hori [su etena] bilatzen, eta bakearen bila ari diren nazioarteko ekinbide batzuek ere esaten duten aurreneko gauza da su eten bat behar dela berehala. Giza sufrikarioa izugarria da, txikizioa, heriotzak pilatzen ari dira, baina hori ez da gutxituko hau gelditu arte. Oraintxe ez dut bideragarri ikusten; batetik, aldeak nor gehiago ari direlako; bestetik, erasoaldi bat martxan dagoelako. Hori bai, nik ñabardurak ikusten ditut. Errusiak esaten du jarraituko duela bere helburuak lortu arte, baina Errusiak urtebete darama negoziazio bat irekitzeko ahaleginean. Mendebaldeak esaten dio Ukrainari behar beste denboraz lagunduko diola, baina ahots dezente ari dira negoziatzeko aukerez hitz egiten; betiere, erasoaldi honen ondoren eta Errusia ahul egongo den posizio batean, ia-ia Mendebaldearen eta Ukrainaren menpe. Zuk ere ñabardura horiek ikusten dituzu, Mikel? MIKEL AIESTARAN: Gerra hau pizten den momentutik— edo, behintzat, niri tokatu zaizkidan guztietan— negoziazio prozesua martxan dago. Erasoaldi momentu batean gaude, bai, baina, normalean, su etenen aurreko momentu guztiak izaten dira kalakarik handienekoak: bi aldeak ahalegintzen dira dena ematen. Ziurtasunik eza handia da, eta sorpresaren aldagaia, oso garrantzitsua. Ukrainarrek hilabeteak zeramatzaten erasoaldi hau iragartzen, eta derrepentean gertatzen da Wagnerrekoak jarri zirela Moskura bidean. Inork ez zuen hori aurreikusi. Andoni Canellada, FOKU Nik uste dut [negoziazio] prozesu hori martxan dagoela, Turkia bezalako herrialde bat bere kartak jokatzen ari dela, eta Moskurekin geratzen zaigun zubi bakarra dela. Eta beste aldagai bat ere oso aintzat hartu behar dugu: Ukraina guztiz dago kanpotik ematen dioten laguntzaren menpe, eta, orduan, ez du azken hitza. Egin beharko du bere aliatu militarrek esaten diotena; haiengatik ari zaio pultsuari eusten. Hau bukatuko da aliatu horiek kontsideratzen dutenean nahikoa dela. SANZO: Ematen du uste zutela erasoaldi hau oso azkarra izango zela, iazkoa izan zen bezala, eta dena prestatu dela horretarako: aurrena erasoaldia, eta gero negoziazio bat hastea Ukraina posizio indartsu batean egonda. Ikuspegi militarraren arabera, negoziazioei bide emateko beharrezkoa da alde bat edo bestea militarki nagusitzea. SANZO: Berdintasun posizio batean egonik, erakutsi dute oso zaila dela negoziatzea. Orain ikusten ari gara, ikusi genuen Istanbulen... Erdogan aurrenekoz saiatu zen iazko martxo hasieran, apiril amaieran. Eta ematen zuen baietz. Errusiaren negoziatzaileak erdi iragarri zuen aurreakordio moduko bat, baina hautsi egin zen Zelenskiren [Volodimir, Ukrainako presidentea] pare bat aholkularik pare bat txio idatzi ondoren. Boris Johnsonen [Erresuma Batuko lehen ministroa 2019tik 2022ra] esku hartzeari egotzi zioten errua... Ez dut uste... Zein da Mendebaldearen laguntza militarraren helburua? AIESTARAN: Orain arte emandakoarekin, helburua ezin da izan Errusiari garaitzea; ez dago gihar nahikorik. Askoz ere gehiago behar duzu. Errusiarrek orain Donbassen dituzten posizioak dira aspalditik dituztenak, 2015etik-edo, eta fronte horretan dituzte artilleria, hegazkinak, eta, gainera, defendatzen ari dira, zeina militarki errazagoa den. Orduan, ukrainarrak, literalki, metroz metro ari dira aurrera egiten. Bai, iristen ari dira armak, Leopardak-eta, baina fronte horrek 1.000 kilometro baino gehiago ditu, eta ez dut uste zenbait dozena Leopardek aldea egingo dutenik. Nire ustez, gerra honetako arazo nagusia da denbora igaro ahala marra gorriak zeharkatzen ari direla. Hasieran, tankeak marra gorri bat ziren, eta heldu ziren; hegazkinak ere marra gorri bat ziren, eta horiek izan daitezke hurrengoa... Nolanahi ere, aurrean duzuna oso serioa da. Eduki ditzakeen arazo guztiak gorabehera, armada indartsua da Errusiakoa, eta, gainera, etxean borrokatzen ari da. Zuk, aldiz, atzerritik, hainbat tokitatik, ekarri behar dituzu armak, akordioak lortu behar dituzu horretarako... Eta iritzi publiko baten menpe zaude; hori gertatzen da Mendebaldean, batez ere AEBetan. Errusian, aldiz, ez: Putinek [Vladimir, Errusiako presidentea] hau nahi beste denboraz mantendu dezake, ez baitu, nolabait esatearren, iritzi publikoaren barne presiorik. Zer arrisku ditu Mendebaldearen hautuak? AIESTARAN: Epe-laburkeria arazo bat dago gerra hau kanpotik kudeatzen dutenen artean; epe hori da hurrengo hauteskundeak arte. Dena den, epe laburkeria hori ez da salbuespena, Mendebaldea hori erabiltzen ari baita azken urteetan beste herrialde batzuetan egiten ari den esku hartze handietan. Arraroa zera da, Europan gertatzen ari dela, eta horregatik eragiten digu zirrara handiagoa: zuriak, kristauak, eta gure iruditerian beti etsaitzat hartu denarekin, Errusiarekin. Ez dakit zer plan duten Ukrainarentzat. Errusia hor dago, ez duzu Antartikara bidaliko; errusiarrak hor daude, zure bizilagunak dira. Bi irtenbide dituzu. Edo ondo konpontzen zara; edo hobeto konpontzen zara. Irakurtzen ditut Borrellen [Josep, Europako Batasuneko diplomaziaburua] adierazpenak, eta pentsatzen dut neure artean: «Ez zara gerra ministro bat». Diplomazialarien, estrategen ordua da, esan dezaten: «Hau partida handi bat da!». Hain nabaria da horien gabezia? AIESTARAN: Noski. Gerra errazena da. SANZO: Gabezia hori 2014tik dago. Herrialdearen [Ukrainaren] interesak minimoki aintzat hartu izan balituzte, konturatuko ziren hau konpontzeko modurik errazena Minskeko Akordioak [2015] zirela. Ematen zizkieten gutxieneko eskubide batzuk. Ez gara ari hitz egiten hemen dugun autonomiaz edo Kurdistangoaz, inondik inora. Eskubideak ziren amnistia gerran [Donbasskoan] parte hartu zutenentzat; eskualdeko Polizia bat; eskubide linguistiko eta kulturalak; eta mugakide dituzten Errusiako eskualdeekin harreman komertzialak eduki ahal izatea. Horiek ziren Minskeko Akordioak, eta, gatazka honek ertz asko dituen arren, horien bidez, 2022 baino lehen konpon zitekeen barne gatazka. Zeren, ematen du orain erabaki dugula dena iazko otsailaren 24an hasi zela; ez, gatazka bat zegoen aurretik, eta hori ez zuten Moskun asmatu. Bada agertoki bat ezin dena baztertu: Errusiak NATOko herrialde bati eraso egitea. Iazko azaroan, esaterako, misil bat erori zen Polonian. Aliantzaren lehen ikerketen arabera, baina, Ukrainak berak jaurti zuen, Errusiako misil bat erorarazteko. SANZO: Zelenski saiatu zen esaten Errusiak NATOko aliatu baten kontra nahita egindako eraso bat izan zela; hau da, Zelenskiren hitzetan nabaritzen da NATO gerrara erakartzeko ahalegin argi bat. Hori bai dela benetako marra gorri bat. Biden [Joe, AEBetako presidentea] azkar ibili zen adieraziz zantzu guztien arabera ez zela Errusia izan. Nire sentipena da lanean ari direla gerra Ukrainako lurretatik ez ateratzeko. Aldi berean, AEBak jendaurrean ari dira esaten ez erabiltzeko arma astunak Errusiako lurrei eraso egiteko, hori egiteak areagotuko lukeelako koska bat estutzeko arriskua. Esaten duzu zeure artean: «Ukraina erabiltzen ari dira herrialde bakoitzaren interesak kontuan hartuta, eta jendea hiltzen ari da horiengatik». AIESTARAN: Esango nuke Errusia ere bere buruari eusten ari zaiola. Irakurtzen dudanean: «Bonbardaketa masiboak Ukrainan: lau hildako». Eta esaten dut neure artean: «Zerbait galtzen ari naiz». Bonbardaketa masibo batek inon ezin ditu lau lagun hil. Gero, Ukrainara joaten garen bakoitzean, pare bat kontu komentatzen ditugu. Batetik, trenean egindako bidaiak. Adibidez, Lviven hartzen duzu bat, eta iristen zara Kramatorskeraino, Bakhmutetik 20 kilometrora, eta hemengoek baino puntualtasun handiagoa dute. Eta bestetik, Mendebaldeko armak bi errepidetatik iristen dira; horiek daramatzaten kamioiak ikus ditzakezu. Errusiak inoiz ez die erasorik egiten. Zergatik? Afganistanen edo Iraken lanean ikusi ditut estatubatuarrak, eta, lurrean soldadu bat jarri eta berehala, lehenik eta behin bonbardatzen ditu leku estrategikoak, errepideak, tren geltokiak, etsaia ez dadin mugi. Kasu honetan ez. Eta nire ondorioa da errusiarrak hor daudela geratzeko; hau da, ez direla ari, frontean izan ezik, suntsitzeko gerra bat egiten. Kiev ez da Bakhmut. Txikizio maila hori oso lokalizatuta dago. Ez gara ikusten ari Errusiaren eraso masibo bat egiazki etsaia bakartzeko. Beste aldagai batzuk ere hartu behar dira kontuan gerra honen garapenean. Horietako bat da 2024an presidentetzarako hauteskundeak dituztela AEBetan. Bideni zer testuinguru interesatzen zaio horien atarian? AIESTARAN: Bideni interesatzen zaio bere bozkatzaileei erakustea ukrainarrei eman dieten laguntza eraginkorra dela. Horregatik, aurreko hilabetean Ukrainara egin nuen bidaian nabaritu nuen ukrainarrek presio bat sentitzen dutela erakusteko eman dieten laguntzak aldea egiten duela gudu zelaian. Errusian ere presidentetzarako bozak dituzte datorren urtean. Wagnerrekoen altxamenduaren ondoren, Putinen posizioa ahulduta dago? SANZO: Aurrena baieztatu beharko du aurkeztu behar dela, nahiz eta ulertzera eman duen baietz. Putinek badu eskuin nazionalista bat Errusian, eta hori dago Kremlin baino askoz ere eskuinerago. Hain zuzen, egiazki hor dago mehatxua; oso argi ikusi da. Jarri dituzte tankeak Moskura begira [Wagnerrekoak], nahiz eta azkenean ez diren hara iritsi. Horrek guztiak erakusten du ahultasun bat; ez bakarrik Putinena, 1990eko hamarkadan jaiotako estatu neoliberal horrena ere. AIESTARAN: Bat nator azken kapitulu horrek ahultasuna edo ziurtasunik eza sorrarazi duela. Bestetik, etsigarria egin zait aparatu errusiarreko ikur batzuen jarrera; adibidez, Lavrovena [Sergei, Errusiako Atzerri ministroa]. Estimu handia nion... Goi bilera batean bazeunden eta bera sartzen bazen, isiltasuna egiten zen. Hainbeste urte daramatzan morroi bat orain lokatz horietan nahastuta ikustea... Asko harritu nau. Mendebaldeak ez du nahi Errusia kaos politiko bat izatea? SANZO: Ekainaren 24an [Wagnerrekoen altxamenduan] zenbait elkarrizketa izan ziren Lavrovekin, hain zuzen, eta, horietako batean, AEBek esan zioten zerikusirik ez zutela gertatutakoarekin. Inori ez zitzaion interesatzen kaos hori; agian, Ukrainari bai... Inori ez zaio interesatzen potentzia nuklear bat ez izatea gai estatuari eusteko. Eta Kremlinen krisi bat egongo den agertoki bat hel daiteke? SANZO: Hori bai. Ez dago alternatiba bat nahikoa indartsua dena, baina Errusia asko daude. Dago Errusia bat Sobietar Batasunaren nostalgia sentitzen duena. Badago beste Errusia txuri bat, inperioaren nostalgia duena. Errusian ibiltzen bazara, biak ikus ditzakezu, eta batak ezin du bestea akabatu. Oreka bat sortzen dute bien artean. Egungo Kremlin ez da uste bezain indartsua; ez da erregimen autoritario eta tradizionala, historikoki ikusi duguna. Finean, Kremlinek, Putinen inguruak, dauden fakzioak eta feudoak orekatzen ditu; hori egiten du. Baina Prigozhinen altxamenduarekin oreka hori apur bat hausten da nolabait, ikusten dugulako Putin ez dela, jendaurrean behintzat, negoziatu duena. Putin hizpide hartuta. Haren esanetan, inbasiorik ez zen egongo Mendebaldeak aintzat hartu izan balitu 2021 amaieran eta iazko urtearen hasiera planteatu zituen «segurtasun eskaerak». Horietako bat zen Ukrainak estatus neutrala edukitzea; hau da, NATOko kide ez bihurtzea. Kremlinek ba al du hori eskatzeko zilegitasunik? SANZO: Errealitate geopolitikoak direnak dira. Zer gertatu zen Sobietar Batasuna saiatu zenean Kuban misilak jartzen? Maurice Bishopek [Grenadako lehen ministroa 1979tik 1983ra] aireportu bat egin nahi izan zuenean? [AEBek] Inbaditu egin zuten. Egiazki, 1990eko hamarkadan eraiki ahal izan zuten kontinente mailako segurtasun arkitektura bat. Orduan egin ez baldin bazuten, horrek esan nahi du ez zutela nahi, zeren Errusia erabat ahul zegoen. Errusia 2021 amaieran hasi zen segurtasun bermeez hitz egiten. Hau dena ez da oso sinesgarria... Benetan kezkatuta baldin bazeuden, 2014an egingo zuten planteamendua. Dena lasterragotu zen dena martxan zegoenean. Baina NATOren hedatzea 1990eko hamarkadatik izan da kezka iturri Errusiarentzat. Hain zuzen, Sobietar Batasunaren amaieraz geroztik, Errusia ez da gai izan Ukraina guztiz bere eraginpean mantentzeko. Zergatik? SANZO: Batzuetan ahaztu egiten da, baina Ukrainako zati batek jarraitu du izaten oso errusiazalea. Donbasskoa ez da soilik Errusiak sortutako gatazka bat. Eremu horrek guztiak segitu du izaten errusiazalea. AIESTARAN: Errusiarra da [eremua], errusiarrak dira. SANZO: Odesan, maiatzaren 2ko oroitzapen ospakizunetan, oihuak ziren: «Odesa, hiri errusiarra!». Baina ez dut uste esanahi bera duenik Odesan eta Donetsken. Odesan zerbait kulturala balitz bezala ikusten dut, zeren, ia %100, hiri errusiar bat da. Baina Donbassko eremu horretan, harreman ekonomikoa izan da, beti, Errusiarekin. Ukrainako gainontzeko tokietan harremana mistoagoa izan da, eta herrialdearen mendebaldean gehiago jo dute Mendebaldera, aspalditik. Barne zatiketa hori Maidanean [2013-2014] gelditu zen agerian. Sinplifikatzearren, badago banaketa bat ekialdearen eta mendebaldearen artean; ez da guztiz horrela, baina badago osagai geografiko bat. Lehen Maidanean, Iraultza Laranjan [2004-2005] ez bezala, oreka hori erabat hautsi zen, eta ez zen egon itunerako aukerarik. Analisia egitean, askotan, saihestu egiten dugu hori. Bai, Ukrainaren zati handi batek Mendebaldera begiratu du, baina ez guztiak. AIESTARAN: Zatikatze handia dagoen tokietan lan egitera ohituta nago. Irakera joaten zara, eta kristauak borrokatzen dira kristauekin, sunitak sunitekin, xiitak xiitekin... Hemen [Ukrainan], sentsazioa nuen gerra zibil batean nengoela. Denek hitz egiten dute errusieraz, erlijio bera dute, janari bera, musika bera, ibilgailu berak... Atentzioa ematen zidan beste gauza bat da zatikatze handi hori. Maidana [2013-2014] gertatu arte ez nuen Ukraina ezagutzen. Zatikatze hori mantentzen da, zeren, batzuetan esaten dugu errusiazaleak direla, baina ez, errusiarrak dira. Eta gauza asko alda ditzakezu, baina jarraituko dute errusiarrak izaten. Bestetik, Bakhmut, Kherson berreraikitzea posible izango da, baina oso zaila izango da berreraikitzea komunitateen arteko loturak. Hori da gerrek uzten duten kaka handiena. Ukrainak dauka gakoa izatearen bedeinkazioa eta madarikazioa: errusiarrentzako da Europarekin egoteko atea, eta europarrentzat, berriz, Asiako eremu batera sartzeko atea da. Eta Ukrainak daukan posizio geografiko horrengatik, NATOk mehatxu bat izan nahi du mugan, noski; eta Errusiak gauza berarentzako nahi du Ukraina. Finean, biek gauza bera nahi dute: mehatxu bat izan bestearen garondoan. Diskurtso eta helburu bera dute: Ukraina bereganatzea. Ukraina inbaditzeko Putinek erabili zuen arrazoietako bat izan zen herrialdea «desnazifikatu» behar zela. Ukrainan arazo bat da eskuin muturra? SANZO: Desnazifikazioarena... 2014an, Donbassen, Azovekoen kontrakoa-eta zen diskurtsoa, antifaxista. Errusiak, gero, ahaztu egin zuen guztiz, eta berreskuratu zuen, iaz, gerrarako justifikazioaren zati gisa. Errusian dauden eskuin muturrak ere armagabetu ditzakete, eta errazagoa litzateke; baina ikusita zer gertatu den Wagnerrekoekin, agian ez da hain erraza... Diskurtsoak dira... Eskuin muturrarekin Ukrainan dagoen arazoa Europako beste toki batzuetan dagoena baino handiagoa da? Andoni Canellada, FOKU SANZO: Iruditzen zait arazo bat dela, batez ere Ukrainan ukrainar hiztunen eta errusiar hiztunen artean gizartean dagoen banaketarekin. Hori fisikoki ikusten da mendebaldean, zeren, han dituzte, adibidez, Stepan Banderari eskainitako estatuak. Ukraina ekialdean, aldiz, etsaitzat dute; Alemania naziarekin kolaboratu zuen taldeetako baten lidertzat daukate. Legez, gainera, heroitzat hartzen dituzte XX. mendean Ukrainaren independentziaren alde borrokatu zirenak; talde horiek barne. Orduan, arazo hori existitzen da. Kontua da pixkanaka inposatu dela diskurtso nazionalista hori diskurtso nazional gisa. Gerrak dena polarizatzen duenez, behin Errusiako tropak iritsita, horrek legitimitate handiagoa hartzen du. Baina esango nuke diskurtso horren instituzionalizazio prozesua oso nabaria izan dela azken bederatzi urteetan. AIESTARAN: Niri Ukrainan hasieratik atentzioa eman zidan gauza bat izan zen Errusiari aurre egiteko denak balio duela. Eta ez, uste dut denak ez duela balio. Ez dute balio barreiatze bonbek. Ez du balio zuk atzerriko legio bati ateak irekitzeak; kontu handiz ibili beharreko jendilajea aurkitzen duzu. Eskarmentatuta atera nintzen. Zoritxarrez, Ukrainarekin hori gertatu dela dirudi: gerran gaudenez, denak balio du. Bada ez, egiazki selektiboagoa izan behar duzu, ez duzulako zure etsaia bezalakoa izan nahi, etsenplua eman behar duzu. Ukrainako indarren barruan piztia batekin topo egin dugu, eta orain, jada, Defentsa Ministerioaren barruan erregularizatuta daude. Sirian egon nintzen garaitik borrokalari txetxeniar batzuk identifikatuta neuzkan, eta ikusi nituenean Turkiako muga zeharkatzen eta lasai joaten atzerriko legio ukrainarrarekin borrokatzera... Duela lau egun Estatu Islamikokoak ziren... Europako herrialdeok zerbait gehiago eramatearen bandera daramagu, ez? Kultura, hezkuntza... Baina behin lokatzetan sartuta, konturatzen zara denok gauza bera egiten dugula. Ez naiz aditua barne mailan, baina 2014tik, Maidanetik, atentzioa ematen zidan talde paramilitar horien presentziak. Beraien itxurak ez ninduen gehiegi lasaitzen, ez... Eta orain horiek daude lehen lerroan, eta gure diruarekin bidalitako armekin ari dira borrokatzen. Horrek ez nau lasaitzen. Talde horiekin gatazkaren paramilitarizazio bat gertatzen da, eta bandera bati baino gehiago, horiek diruari zaizkio leial. Bihar edozein tokitan topatu ahal izango ditugu; Wagnerrekoekin gertatzen ari den bezala. Uste dut horren guztiaren ondorioak epe ertain-luzera ordainduko ditugula. Aurrena ukrainarrek ordainduko dituzte. Hau dena bukatzen denean, Zelenskik, barruan, egundoko kalapita sortua du. Ez dakit nola kudeatuko duten... Talde horiek oso armatuta daude. Eta ez dut uste hor geratuko direnik, aintzat hartuta ideologia hori globalki izaten ari den goraldia.
2023-7-24
https://www.berria.eus/albisteak/231084/nahia-sanzo.htm
Nahia Sanzo
Nahia Sanzo.
Sobietar Batasunak eta hura izan zenaren eremuak interesa piztu izan diote beti. Hara bidaiatu izan du, eta «modu apur bat obsesiboan» estudiatu ditu han gertatutakoak. Moskun egonaldiak egindakoa da. «Mundu horri buruzko barne datu base bat dut». Chicago (AEB) ere izan du bizileku. Soziologo lan egin izan du beti, eta kazetari zein historialari formakuntza ere badu. «Ahalegintzen naiz hiru diziplinak nahasten, egunerokoari begiratu beharrean, testuinguruari begiratzeko eta analisi pausatuagoa egiteko». Geopolitikaz ikerketa taldeko kidea da.
2023-7-24
https://www.berria.eus/albisteak/231085/mikel-aiestaran.htm
Mikel Aiestaran
Mikel Aiestaran.
Gatazken berri ematen ari da 2005etik. Egon da Sirian, Iraken, Libian... «Karlos Zurutuzaren esanetan, hori dena da Aiestaranestan», esan du, umorez. «Tunisiatik Afganistanera». Hamar urte egin zituen freelance, eta, 2015etik, Ekialdeko Hurbileko berriemailea da EITBrentzat eta Vocentorentzat. Handik kanpoko lekuetara ere joan da gatazkak piztu direnean: esaterako, Georgiara (2008) eta Ukrainara. 2015etik 2022ra, Jerusalemen bizi izan zen, eta, iaztik, Istanbul du bizileku.
2023-7-24
https://www.berria.eus/albisteak/231086/ukrainak-eraso-egin-die-moskuko-erdialdeari-eta-krimeari.htm
Mundua
Ukrainak eraso egin die Moskuko erdialdeari eta Krimeari
Dronez bideratutako operazio militarrak izan dira, baina Errusiako defentsek zapuztu egin dituzte. Odesa eta Ukrainako hegoaldearen aurkako bonbardaketek ez dute etenik izango.
Ukrainak eraso egin die Moskuko erdialdeari eta Krimeari. Dronez bideratutako operazio militarrak izan dira, baina Errusiako defentsek zapuztu egin dituzte. Odesa eta Ukrainako hegoaldearen aurkako bonbardaketek ez dute etenik izango.
Ukrainak Moskuri eta Krimeari eraso egin die gaurko ordu txikietan, drone erasoen bidez. Ez da inor hil, ezta zauritu ere, Errusiako defentsak drone guztiak suntsitzea lortu ditu eta. Moskun, gaur 01:00etan gauzatu dute operazioa —Euskal Herrikoko 04:00etan—. Gerora, Telegram bidez, Ukrainako Gobernuak bere gain hartu ditu erasoak. Aurreko astean, Errusiak hainbat eraso egin zituen Ukrainako Odesa hiriaren eta Itsaso Beltzeko beste portu batzuen aurka. Gutxienez lau pertsona hil zituen, eta hamarnaka zauritu. Portuetako nekazaritza erreserben aurka bidali zituzten misilak, baina baita Odesa kanpoaldeko nekazaritza enpresen aurka ere. Ukrainako Gobernuak atzo adierazi zuen erantzun gogorrak emango zituela jazarpen horren aurka. Gaurko Moskuko erasoaren harira, Maria Zakharova Errusiako Atzerri Ministerioko bozeramaileak xehetasunak eman ditu: «Bi dronek egindako eraso saiakera izan da. Gure arma elektronikoek bi ibilgailuak bota dituzte, eta haiek hiriburuko bi eraikinetan erori dira. Zauriturik gabeko erasoa izan da». Kievek bere gain hartu baino lehenago, Zakharovak argi utzi ditu susmoak: «Kievek bideratutako erasoa izan da. Nazioarteko terrorismo atentatu bat da, argi eta garbi». Kalteak eragin diren eremua Defentsa Ministerioaren egoitzatik bi kilometrora dago. Etxebizitza bateko teilatuan erori da droneetako bat, eta bestea erdialdeko bulego eraikin batean. Krimeako erasoen inguruan Sergei Aksionov mintzatu da, Krimeako Errepublikako gobernuburua: «Hamazazpi droneko erasoa da gaur gauean jasan duguna. Haietatik hamalau elektronikoki suntsitu ditugu, eta beste hirurak aireko defentsek bota dituzte. 11 drone Itsaso Beltzera erori dira». Ukrainako Gobernuaren operazioak Kirovski barrutia jo du, etxebizitza batean erori baita ibilgailu bat. Horrez gain, inguruko etxebizitza eta kaleak hustu, eta ondoan dauden trenbideak itxi dituzte. Larunbatean, Krimeako Dzhankoi lurraldeko munizio gordetegi bat hondatu zuen Ukrainak. Ukrainaren izenean Mikhailo Fedorov Eraldaketa Digitaleko ministroak hartu du erasoa bere gain, Telegram kontuaren bidez: «Gaur gauean, Krimeari eta munstroen hiriburuari eraso diete. Haien aireko defentsak gero eta errazago saihesten ditugu». Ukrainak uztailaren 4an eraso zion Moskuri azken aldiz. Orduan, bost drone bidali zituzten, eta bostak suntsitu zituzten. Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak argi utzi du defentsak hobetzen dabiltzala, Ukrainako droneen presentzia areagotu egin da-eta Errusiako hiriburuan. «Ukrainiako hegoaldean diharduen operazio militarrak bere bidean jarraituko du; gure aurkako erasoak ez gaitu geldituko», esan du Peskovek. Larunbatean, Errusiak Odesako katedral ortodoxoa jo zuen hiriaren aurkako eraso batean, baina Peskovek akusazio hura ezeztatu du: «Askotan esan dugu: gure armadak ez die inoiz kalte egin azpiegitura sozialei, eta are gutxiago elizei, tenpluei eta katedralei. Gure aurkako akusazio horiek gezur hutsak dira. Haien segurtasuneko misilek suntsitu zuten katedralaren zati hori». Ukrainaren kontraerasoaren ikuspuntuak Antony Blinken AEBetako Estatu idazkariak, CNN telebistan emandako elkarrizketa batean, adierazi zuen Ukrainiak gerran galdutako eremuaren %50 kendu diola Errusiari jada. «Kontraerasoraren hasieran dago Ukrainia oraindik, baina hainbat kilometro karratu irabazi ditu jada», esan zuen Blinkenek. «Errusiak porrot egin du. [Errusiako presidente Vladimir] Putinek zituen asmoak ez dira bete, eta ez dira beteko. Ukrainia mapatik ezabatu nahi zuten, herrialdea eta haren subiranotasuna suntsitu, baina ez dute lortu. Errusiak galdu egin du gerra». Bestalde, Putin eta Aleksandr Lukaxenko Bielorrusiako presidentea, elkarrekin izandako bilkuran, Ukrainaren kontraerasori buruz mintzatu ziren. Horri buruzko galdera bat sorrarazi zen, eta Lukaxenkok esan zuen kontraerasorik ez zegoela. Putinek, berriz, kontraerasoa bazegoela baieztatu zuen, baina «porrot egin» duela esan.
2023-7-24
https://www.berria.eus/albisteak/231087/espainiako-gobernua-eratzeko-egutegia-hasi-da.htm
Politika
Espainiako Gobernua eratzeko egutegia hasi da
Espainiako Gorteetarako hauteskundeen ondoren, bi bide ireki dira: irailaren 8rako Espainiako Gobernua eratuta izatea edo Gabonetarako hauteskundeetara deitzea.
Espainiako Gobernua eratzeko egutegia hasi da. Espainiako Gorteetarako hauteskundeen ondoren, bi bide ireki dira: irailaren 8rako Espainiako Gobernua eratuta izatea edo Gabonetarako hauteskundeetara deitzea.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeen ondoren, hurrengo lau urteetan aginduko duen gobernua eratzeko egutegia hasi da. Hauek dira prozesuaren data nagusiak: Abuztuaren 17an, Espainiako Kongresua eta Senatua eratuko dira. Parlamentariek ganberetako lehendakariak eta mahaiak aukeratuko dituzte. Astearte horretan bertan, kongresuko lehendakaria Felipe Borboikoa Espainiako erregearengana joango da, eratutako kongresu eta senatuaren berri emateko. Abuztuaren 21eko astean, kongresuaren osaerari buruzko informazioa jaso ondoren, Espainiako estatuburuak talde guztietako ordezkariak deituko ditu, inbestidura saioari begira zein hautagai proposatuko duen erabakitzeko. Abuztuaren 24aren inguruan bukatuko da kongresuan talde parlamentarioak osatzeko bost eguneko epea. Iraileko lehen astean, behin parlamentuko taldeak eta Bozeramaileen Batzordea eratuta, osoko bilkuretarako deia egiten ahalko da. Hautagairen baten inguruan babes nahikoa balego, inbestidura eztabaida garai horretan egin liteke; abuztuaren amaieran edo iraileko lehen astean. Hortik aurrera, presidentegaiak bi aukera izango ditu: lehenengo bozketan gehiengo absolutua lortzea (176 diputatu) edo, bigarrenean, lehenengotik 48 ordu igaro eta gero, gehiengo soil bat eskuratzea —alegia, aldeko boto gehiago jasotzea kontrakoak baino—. Lehen inbestidura bozketa horren datak egutegia baldintzatu dezake; izan ere, inork behar adina babes lortu ezean, egun horretatik aurrera bi hilabeteko epea izango dute hautagairen batek presidentetza lortzeko. Epe hori igarota inork ez badu behar adina babes eskuratzen, gorteak desegin egingo dira, eta 47 egun igaro ondoren berriro egin beharko dira hauteskundeak. Gutxi gorabehera, abendu-urtarrilean lirateke hauteskundeak, Gabon ingururako.
2023-7-24
https://www.berria.eus/albisteak/231088/greta-thunbergi-isuna-jarri-diote-suediako-poliziari-desobeditzeagatik.htm
Mundua
Greta Thunbergi isuna jarri diote Suediako Poliziari desobeditzeagatik
Greta Thunberg klima aldaketaren protesta batean poliziaren aginduak ez jarraitzegatik epaitu dute.
Greta Thunbergi isuna jarri diote Suediako Poliziari desobeditzeagatik. Greta Thunberg klima aldaketaren protesta batean poliziaren aginduak ez jarraitzegatik epaitu dute.
Greta Thunberg klima aldaketaren kontrako ekintzaileari isuna jarri diote ekainak hemeretziko protesta batean poliziaren aginduak ez obeditzeagatik. Thunberg eta Reclaim the future ekintzaile taldeko kide batzuk, Malmo (Suedia) hiriko portura gerturatu ziren eta petrolio ontzien zirkulazio oztopatu zuten, erregai fosilen aurka protesta egiteko. Poliziak mugitzeko eskatu zienean, ekintzaileek, Thunberg barne, ez zuten jaramonik egin. Thunbergek gaur izan duen epaiketan onartu du bera hor zegoela eta poliziaren agindu batzuei ez ziela kasurik egin. Baina bere esanetan, egindako ekintza «justifikatuta» dago. «Uste dut bizitza, osasuna eta ondasunak mehatxatzen dituen larrialdi batean gaudela», adierazi du Thunbergek. Klima aldaketaren arriskuak gogorarazi ditu epaiketan. Auzitegiak bi isun jarri dizkio, guztira 216 euro. Diru hori, krimenaren biktimen funts batera joango da, Suediako prentsak informatu duenez. Auzitegitik ateratzean, sententzia «zentzugabea» dela esan du. «Zientziarekin bat egiten dugunok ordaindu behar dugu; bitartean, erregai fosilen industriak orainaldia eta etorkizuna erre ditzake», adierazi du.
2023-7-24
https://www.berria.eus/albisteak/231089/itunak-espero-ditut-gobernu-aurrerakoia-egon-dadin.htm
Politika
«Itunak espero ditut, gobernu aurrerakoia egon dadin»
Romero baikor mintzo da emaitzez. Uste du orain lehentasuna dela Pedro Sanchez hautatzea eta ez berriz bozetara deitzea.
«Itunak espero ditut, gobernu aurrerakoia egon dadin». Romero baikor mintzo da emaitzez. Uste du orain lehentasuna dela Pedro Sanchez hautatzea eta ez berriz bozetara deitzea.
Aje gozoa bizitzen ari da gaur Rafaela Romero, PSE-EEren Espainiako Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburua (Quintana de la Serena, Espainia, 1972). «Oso pozik» dago, «ez direlako pasatu». «Guztion lorpen bat izan da». PSE-EEk bost aulki lortu ditu eta bi PSNk. Espero al zenituzten emaitza horiek? Espero genuen jendeak lagunduko zigula gehiengo aurrerakoiari, gorrotoaren koalizioa Espainiako Gobernuan sar ez zedin. Nik konfiantza nuen Euskadirengan, Nafarroarengan eta Euskal Herriarengan. Falta zitzaidan ikustea estatu mailan ea denok laguntzen ote genuen, eta hala izan da: Irabazi duen Espainia gorrotoaren koalizioa gorrotatzen duena da. Zein esanahi dute emaitzek? Positiboa iruditzen zait Euskadiren ahotsa ezkerrekoa izatea, ezker konstituzionalista nahiz euskal ezkerraren parte bat indartu izana. Euskadiren ahotsa da aurreko legealdian eskubideak irabazi zituena. Espainian, PP da lehen indarra. Bai, baina aurreko hauteskundeetan ere esaten nuen, eta demokraziaren funtzionamenduaren berri dugun guztiok badakigu: Gobernuak botoekin irabazten dira, noski, eta akordioekin ere irabazten dira. Argi dagoena da PPk ez duela Espainia ezagutzen, ezagutzen duen Espainia duela mende batekoa dela. Lehengo eskuin bera da, aurkariari jazartzen zaion hura, eta ez dute ikasten Espainian denekin gobernatzen dela, eta Espainia dela bere jendea, bere lurrak, bere identitate desberdinak, gaztelera ez diren beste hizkuntzak... Espainiako Gobernuko presidente izateko, Pedro Sanchezek, besteak beste, EH Bildu eta EAJ behar ditu. Prest al zaudete beraiekin akordioak egiteko? Merezi dugu eskubideak, askatasunak eta ongizatea bermatzea. Espero dut akordio horiek egotea, gobernu aurrerakoi bat egon dadin, politika berdina egiten jarraitu dezan. Orain, gainerako euskal alderdiek hitz egin behar dute —baten batek ja egin du—, eta esan beharko dute gehiengo aurrerakoi bat eraikitzen jarraitu nahi duten edo [Alberto Nuñez] Feijoori utziko dioten gobernatzeko esperantzaren bat. Ba al dago aukerarik hauteskundeak errepikatzeko? Ez dakit. Uste dut [PPk eta Voxek] eduki duten indarkeriazko tonua igo ez dezaten eta lasaitasuna eta segurtasuna emateko herritar guztiei, gorrotoaren koalizioarekin bat egiten ez duen gehiengoa ados jarri behar garela, Pedro Sanchez izan dadin presidente; hori da lehentasuna eta ez beste hauteskunde batzuetara deitzea. 2024an beste hauteskunde batzuk egongo dira, Eusko Legebiltzarreko kideak aukeratzeko. Emaitza berdinak lortuko al dituzue? Denok kontziente gara hauteskunde bakoitzak osagai desberdinak dituela, eta denetan egin behar da borroka. Uste dut PSE indartuta atera dela emaitza hauekin eta euskal ezkerraren erreferente izanda. Indar horrekin saiatuko da Euskadiren ahotsa aldatzen Eusko Legebiltzarrean. Baina uste dut hori tokatzen denean tokatuko dela. EH Bildu gero eta boto gehiago lortzen ari da; EAJ, aldiz,galtzen ari da. Ikusten al duzue aukerarik EH Bildurekin ituna egiteko? Momentu bakoitzean lehentasun bat dago, eta uste dut denok orain beste helburu bat dugula: duela mende bateko Espainiara ez itzultzea. Ikusiko da etorkizunean. Zerbaitetarako egiten dira akordioak; eskubideak irabazi behar dira, eta jendeari lasaitasun handia eman behar zaio. Euskal ezkerrean akordioak egongo dira berriz ere, orain arte erakutsi dutelako eskubideez ari garenean ados jartzen direla.
2023-7-25
https://www.berria.eus/albisteak/231090/jxcren-jarrera-gorabehera-psoek-uste-du-gai-izango-dela-gobernabidea-bermatzeko.htm
Mundua
JxCren jarrera gorabehera, PSOEk uste du gai izango dela gobernabidea bermatzeko
Turullen esanetan, inbestidurako bigarren bozketan abstenitzea ez dago mahai gainean.ERCk blokeorik ez egoteko eskatu du. PSCren arabera, ez dute onartuko erreferendum bat negoziatzea.
JxCren jarrera gorabehera, PSOEk uste du gai izango dela gobernabidea bermatzeko. Turullen esanetan, inbestidurako bigarren bozketan abstenitzea ez dago mahai gainean.ERCk blokeorik ez egoteko eskatu du. PSCren arabera, ez dute onartuko erreferendum bat negoziatzea.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeetako emaitzak ikusita eta Kongresuan ordezkaritza izango duten alderdien jarrera aintzat hartuta, JxC Junts Per Catalunyaren esku egongo da Pedro Sanchez berriro gobernuko presidente izatea, edo egoera blokeatzea eta gehiengo faltagatik bozak errepikatu behar izatea. Eta Carles Puigdemont buru duen alderdiak jarraitzen du, kanpainan egin bezala, jarduneko presidentea ez babesteko asmoarekin. Jordi Turull idazkari nagusiak adierazi du PSOEren presidentegaiaren inbestidura posible batean abstenitzea ez dela oraintxe bertan aurreikusten duten aukera bat. Gobernabideari modua emateko, Kataluniako alderdi independentisten negoziaziorako posizioak «autodeterminazioan eta amnistian oinarritu» beharko lukeela nabarmendu du RAC1 irratian egindako elkarrizketa batean. Eta zenbait hedabidek Sumarreko iturriak aipatuz kaleratu dutenez, Unidas Podemoseko diputatu ohi Jaume Asens Puigdemontekin negoziatzen hasi da, Yolanda Diaz Sumarreko liderrak hala eskatuta. PSOEk, baina, ez du onartuko ez babesa jasotzearen truke prozesu subiranistagatik errepresaliatuei amnistia ematea, ez erreferendum bat negoziatzea. PSCren lehen idazkari Salvador Illak hori ohartarazi dio JxCri. RAC1en esan duenez, bi baldintza horiek ez dira «egingarriak», eta iruditzen zaio Kataluniako herritarrek ez zutela bozkatu autodeterminazio galdeketan pentsatuz. 1982ko bozez geroztik, Kataluniako independentistek inoiz ez dituzte hain ordezkari gutxi izan Madrilen: hamalau izango dira. 2019ko hauteskundeetan baino 700.000 boto inguru gutxiago jaso dituzte. Halere, oro har izango dira erabakigarriak indar subiranistak: Kataluniakoak, baita Euskal Herrikoak ere. ERC Esquerra Republicanak ez du blokeorik nahi, ez hauteskundeak errepikatzea; beraz, ez du Sanchezen inbestidura oztopatuko. «Bloke ultra frenatu dugu. Ezin gara arriskatu PPri eta Voxi beste aukera bat ematera», azaldu du gaur Marta Vilalta alderdiaren bozeramaileak, agerraldi batean. EH Bilduren diputatu hautatu Jon Iñarrituk esan du, Onda Vasca irratian egin dioten elkarrizketa batean, koalizio independentistak bere esku dagoena egingo duela Moncloan ez dadin egon eskuineko eta eskuin muturreko gobernu bat, eta arduraz jokatzera deitu ditu gainontzeko alderdiak. Itxaso Atutxa BBB Bizkai Buru Batzarraren liderrak gaur Radio Euskadin azaldu duenez, EAJ ez da traba bat izango Sanchezen gobernabiderako, baina uste du PSOEren presidentegaiak «Euskadirentzako eta Kataluniarentzako erabaki estrategikoak» planteatu beharko dituela, emaitzek hala behartuta. Alderdi horien eta Sumarren zein BNG Bloke Nazionalista Galiziarraren babesarekin, inbestidurako bigarren bozketan, zeinean nahikoa den gehiengo sinplea —gehiengo osorako 176 boto behar dira, eta emaitzek ez dute horretarako modurik ematen—, ezkerren eta subiranisten blokeak 172 boto lortuko lituzke, eta eskuinaren eta eskuin muturrarenak (PP, Vox, UPN eta Coalicion Canaria), aldiz, 171. Hori litzateke agertokia, JxC abstenituko balitz. Sanchezek egoera horretara heldu nahi du blokeoa baztertzeko. PSOEko iturriek Espainiako hedabideei esan dietenez, Sanchezek gaur alderdiaren zuzendaritza federalean adierazi du «gobernabiderako formula» topatuko dutela. Horiek horrela, ERCri ere presio egin nahi izan dio JxCk azkeneko orduetan. Izan ere, inbestiduraz baino gehiago, subiranisten arteko «batasun estrategikoaz» hitz egin behar delakoan dago Turull. Horregatik, bozetako emaitzek ekarritako «aukera» prestatzeko, indar eta erakunde independentistekin biltzeko asmoa agertu du. Oriol Junqueras ERCren liderrak Kataluniaren interesak «elkarrekin defendatzera» deitu zuen JxC atzo, bozen emaitzak ezagutu berritan. Hori bai, Turullek adierazitakoak gorabehera, ERCk mantentzen ditu kanpainako baldintzak Sanchez babesteko: Rodalies aldiriko tren sarearen eskumena transferitzea, erkidegoaren finantzaketa eredua gainbegiratzea, eta 2020an sortutako Generalitatearen eta Moncloaren arteko elkarrizketa mahaiari eustea. Hori adierazi du Teresa Jorda ERCren diputatu hautatuak, gaur, TV3n. Hau da, Junqueras buru duen alderdiak ez dio prezio garestiegi bat jarri babesari. Halere, neurri handi batean jarrera horregatik beragatik galdu ditu ERCk sei eserleku —2019ko hauteskundeetan baino 400.000 boto gutxiago— Madrilen. PSOEren makulu nagusietako bat izan da azken legegintzaldian, eta bozkatzaileen multzo bati iruditzen zaio Katalunia ez dela irabazten atera. Beherakada azal dezaketen beste bi aldagai ere badira: batetik, prozesu subiranistak eragindako higadura; eta, bestetik, ANC Biltzar Nazional Katalanak bozetan abstenitzeko deia egin zuela, indar subiranistei Madrilen epel jokatzea egotzita. Hegemonia lortzeko lehian, Kataluniako bi familia independentista nagusien arteko harremanak inoiz ez dira onak izan, eta are txarragoak dira iazko urritik, JxCk Generalitatetik ateratzea erabaki zuenetik. Hori egiteko argudiatu zuen, hain zuzen, ERCk «lehentasuna» ematen ziela PSOErekin egindako itunei, Katalunian zituenei eman ordez. PPren eskaera PPk pentsatzen du Sanchezen planteamenduak, hau da, inbestidurako blokea Sumarrekin eta independentistekin osatu nahi izateak, blokeoa eta hauteskundeen errepikapena ekarriko dituela. Hori esan du gaur Cuca Gamarra alderdiko idazkari nagusiak, La Sexta telebista katean. Orduan, inbestidura Alberto Nuñez Feijoo PPren presidentegaiarekin «gauzatu» beharko luketela iruditzen zaio. Ez du zehaztu, ordea, nola. Borja Senper PPren kanpainako bozeramaileak ere ez, Onda Ceron egindako elkarrizketa batean. Adierazi du gobernabiderako aukera bakarra dela PPk, boto gehien lortu duen alderdiak, «formula alternatiboak» bilatu behar izatea PSOErekin batera. EAJren ezezkoa Feijoori PPk pentsatzen du Sanchezen planteamenduak, hau da, inbestidurako blokea Sumarrekin eta independentistekin osatu nahi izateak blokeoa ekarriko duela, eta hauteskundeak errepikatzea. Hori esan zuen atzo Cuca Gamarra alderdiko idazkari nagusiak La Sexta telebista katean. Hori horrela, inbestidura Alberto Nuñez Feijoo PPren presidentegaiarekin «gauzatu» beharko luketela iruditzen zaio. Ez zuen zehaztu, ordea, nola. Aukera horri atea itxi diona EAJ izan da. Andoni Ortuzar EBBko presidenteak atzo iluntzean jakinarazi zuen ez dutela eztabaidatu ere egingo Feijooren inbestidura errazteko aukera.
2023-9-3
https://www.berria.eus/albisteak/231091/sudur-gorrien-biribilgunean.htm
Kultura
SUDUR GORRIEN BIRIBILGUNEAN
Pailazo deprimitua, pailazo beldurgarria, pailazo feminista. Sudur gorri txiki baten atzean milaka aurpegi ezkutatzen dira. Agustin Mujika ‘Takolo’ pertsonaiaren sortzaileak eta Bea Egizabal clownak azaldu dute nolakoa den pailazoterapiari eskainitako bizitza bat.
SUDUR GORRIEN BIRIBILGUNEAN. Pailazo deprimitua, pailazo beldurgarria, pailazo feminista. Sudur gorri txiki baten atzean milaka aurpegi ezkutatzen dira. Agustin Mujika ‘Takolo’ pertsonaiaren sortzaileak eta Bea Egizabal clownak azaldu dute nolakoa den pailazoterapiari eskainitako bizitza bat.
Punk bat, printzesa bat, hippy bat... eta bi pailazo elkartu dira biribilgune baten ondoko saltokian. Jaiak mozorro denda zabaldu zuen aspaldi Agustin Mujikak Zaldibian (Gipuzkoa), eta han bertan dira elkartzekoak. Izan ere, Takolo eta Bea Egizabal pailazoak mozorroturiko manikiz inguraturik daude, euren clowntasunaren berri emateko prest. Bi belaunaldi eta bi estilo, gai eta filosofia ordezkatzen dituzte. Ikuskizunetan, milaka haurri algara eginarazi die Takolo pertsonaiak urteetan eta urteetan, eta kantuan jarri ditu, bere ahots sendoarekin. Egizabal emakumetasunaren eta gizartearen inguruan aritu da ikuskizunetan, taldean zein bakarrik. Pertsonaiez harago, antzezleak mintzatu dira, sudur gorria erantzita. Apple konpainia garaje batean hasi zela kontatzen digute, eta Facebook, logela batean. Takolo pailazoa, berriz, ikasgela batean jaio zen? AGUSTIN MUJIKA 'TAKOLO': Bai. Erabateko giro erdaldunean, A ereduan. Zazpi gela nituen, eta bakoitzean 30-35 ume. Klaustroan 30 irakasle ginen, eta lau bat ziren euskaldunak. Neu ere 17 urterekin hasi nintzen euskara ikasten, eta 19 urterekin, AEKn irakasle hasi nintzen, irakaslerik ez zutelako aurkitzen. Irakasletza neukan eginda, eta eskola publikoan hasi nintzen soldaduskatik bueltan. Udalekuetan egoten nintzen Bernedon [Araba] eta Goiatzen [Bidania-Goiatz, Gipuzkoa], eta han egunak eta egunak pasatzen genituen. Gau batean, 18 urte edo izango nituela, bakarrizketa-parodia bat inprobisatu nuen. Haurrek barre asko egin zuten, eta lagunak esan zidan: «Oso ondo; hik balio duk horretarako». Ni, neurez, oso lotsatia naiz. Ezin dut testu bat irakurri jendaurrean; halako zera bat daukat... muga bat. Bea Egizabalen clowna, berriz, laborategi batean jaio zela esan daiteke. Eureka esan zenuen? BEA EGIZABAL: Arrasaten bizi nintzen [Gipuzkoa], eta Lagun Aroren laborategian egiten nuen lan. Kimika ikasi nuen eta hirugarren ikasturtera heldu nintzen, baina, orduan, krisi existentziala izan nuen, eta ingurumen modulua ikasi nuen. Mary Poppins bihurtu nintzen orduan. Tximiniak aztertzen egiten nuen lan: laginak hartu, eta kutsadura neurtzen genuen. Langileek lanpostuan jasotzen zuten kutsadura aztertzen genuen, eta baita enpresek airera jaurtitakoa ere bai. Lan horrekin gizarteari eta gizateriari mesede handia egiten zenion. Nolatan aldatu zenuen norabidea eta pailazo bihurtu? EGIZABAL: Asperdurarengatik. Astelehenetan lanera joan, eta fitxa sartzen nuen. Lan astea amaitzeko 42 ordu geratzen zaizkizula ikustea... Ezinezkoa da! Petronorren tximinian igota ibili nintzen. Gailuak igo, zunda sartu, iragazkiak pisatu... Azkenean esan zuen: begira, gustura geratu naiz; erakutsi dut gai naizela lan hau egiteko, baina ez dut berriz egin nahi. Antzuolan [Gipuzkoa] kontalari ikastaro bat egina nuen, eta hasia nintzen ipuinak kontatzen. Beraz, «nahikoa da!», esan nuen, eta amildegira! Euskararen kezkak eta herrian euskal giroa sortzeko gogoak bultzatu zintuzten euskararen lehenengo maratoia antolatzera Lasarten. 1987 hartan pailazo mozorroa jantzi zenuenean, bazenekien luzerako hartuko zenuela? MUJIKA: Kantagintzan ez zegoen gauza handirik haurrentzat. Imanol Urbietaren Ran rober ran eta halakoak zeuden. Hari baimena eskatu genion bere kantak jotzeko, eta beretzat «ohorea» zela esan zigun. Gainera, haren semea ere pailazoa zen Zarauzko talde batean: Kakax, Kokox eta Kirriki. Maratoia egin genuenean atera ginen lehen aldiz, eta Usurbilgo batzuk zeuden han. «Hurrengoan etorri herrira»; eta geu hara. «Etorri Bilbora», gero, eta han aritu ginen Aste Nagusian, ez megafoniarik eta ez ezer. Donostiako Aste Nagusian ere, agertoki handi bat genuen, eta plaza leporaino beteta. «Hau da hau! Non sartu gara!», pentsatu genuen. Gero poliki, megafonia erosi, furgoneta hipotekatu... Eta herriz herri hasi ginen. Ulertzen ez zizueten lekuetara ere bai? MUJIKA: Bai. Nafarroa hegoaldera, Cortes, Ablitas, Cascante.... «Ez dakizue gazteleraz?», galdetzen ziguten. Baina geurea oso bisuala zenez, keinuen eta kantuen bidez aritzen ginen. Koloreak ere ez zekizkiten: «Zer kolore da hau? Gorria!», geuk esaten genien guztia. Clown ikastaroetan esaten dizute barruan duzun haurra atera behar duzula. Baina zeuk esan izan duzu zeuk barruan ez zenuela halakorik. Nola sortu zen, bada, zure clowna? EGIZABAL: Ni ume tuntuna izan nintzen, jatorra gurasoentzat, baina zintzoa. Nik ez nuen ume hori atera nahi. Kixki, Mixki eta Kaxkamelon ikusiko nituen txikitan, baina pailazoek ez ninduten erakartzen. Baina, non eta Brinkolan [Gipuzkoa], asteburu bateko ikastaro bat egin nuen, eta hantxe konektatu nuen, porrotaren bidez. Hor, bat-batean, porrota da arrakasta. Pailazoa erori egiten da, ez du asmatzen, dena apurtzen zaio... Hori espero da pailazo batengandik, eta niri horrek katakrak moduko bat eragin zidan. Zure bizitzan ere porrotari umorea ateratzeko tresna bat da sudur gorria. Horrek ez du esan nahi zure porrotak txantxa bat direnik; sufritzen dituzu, baina baduzu beste toki bat horiek ikusteko. Hori ematen dit niri sudur gorriak. MUJIKA: Niri eman dit neure burua pixka bat ateratzeko aukera. Etxean egoera gogorrak izan ditut. Haurtzaroa ez dut nik oso zoriontsua izan. Irtenbide bat izan da niretzat. Beste bat zara oholtzan, sudur gorria jantzita, eta autoestimua edo ez dakit zer goratzen dizu horrek. Baina jendeak gero uste du beti barrezka ibiliko zarela. Bada, ni ez naiz halakoa. EGIZABAL: Esaten dutenez, sudur gorria munduko maskararik txikiena da. Beraz, maskaraturik zaude, eta zeuregandik oso gertu dagoen pertsonaia bada ere, modua ematen dizu gauza batzuk egiteko, bestela inolaz ere egingo ez zenituzkeenak. Badabil meme bat XIX. mendetik, eta azken urteotan indarberritu egin da: gizon bat psikiatrarengana doa, eta lur jota dagoela esaten dio; psikiatrak, terapia gisa, hirira heldu berri den sudurgorri ospetsu baten ikuskizunera joateko gomendatzen dio, algara batzuk eragingo dizkiola esanez; gizonak, orduan, psikiatrari azaltzen dio bera dela pailazo ospetsu hori. Identifikatzen al zarete horrekin? MUJIKA: Ni pixka bat bai. Ez dakit orain den garaia esateko, baina 17 urte nituenerako anaietako bat hilda zegoen. Bi arreba oso gaixorik zeuden, eskizofreniarekin. Beste anaia bat hortik... Ama ere ezinean. Soldata bakarrarekin bizi ginen sei seme-alabak eta gurasoak, etxe txiki batean. Gure lagun asko heroinarekin hasi ziren. Gipuzkoan lehenengo hildakoak geure auzokoak izan ziren. Hori ez bazen, gai politikoa zen: atxilotuak, torturatuak... «Nola aterako da pailazo bat halako auzo batetik?», esaten zuten. EGIZABAL: Clown ikastaroetara zoaz, eta talde guztietan badaude bat edo bi psikologoak edo psikiatrak bidalitakoak. Erabiltzen da, baina aukera ematen dizulako beste ikuspegi batetik ikusteko dena. Zure errealitatea gogorra denean, aukera izatea gauzak ikuspegi dibertigarri batetik ikusteko... Hori umoreak egiten du orokorrean. Gainera, pailazoaren inozentziarekin... Ongi sentiarazten dizu agertokian eginiko jolasak. Jolasak balio du: hemen eta orain zaude. Jolastea oso teraupetikoa da, eta heldutan jolasa desagertu egiten da gure bizitzetatik. Jolasa umeekin lotuta egoten da. Baina helduok probatzen dugunean, berriz egin nahi dugu denbora guztian. Une horretan ez duzu zeure miseriaz pentsatzen. Hori opari bat da. Sudurgorriari egiten dion mesedeaz aritu zarete, baina hor dago besteei eginiko onura. Takoloren miraria deituriko kasua argitaratu zenuten Sentitu, pentsatu, ekin liburuxkan. Bihotz arazo baten eraginez, paralizaturik geratu zen Julen haurra, eta Takoloren bisitak suspertu zuela kontatzen duzue. Kanonizatzeko prest al zaude? MUJIKA: Koman egon zen haurra, eta, atera zenean, gauza bakarra esaten zuen: Takolo. Gurasoek deitu zidaten Bilbora. Han zegoen haurra ohean, gurutzez eta amabirjinaz inguraturik. Abesten hasi nintzen, eta haurra mugitzen hasi zen. Gurasoak oso pozik geratu ziren. Hor dago oraindik mutila. Tarteka deitzen diot. Askotan egiten ditugu saioak leuzemia eta halakoak dituzten haurrekin. Baina gogorra da. Negarrez ateratzen zara. Etxera negar batean, Bilbotik. EGIZABAL: Pena da ospitaleko pailazoen lana txertaturik ez egotea hemengo erietxeetan. Leku batzuetan bai: ospitaleko taldeko kide dira pailazoak, eta, haurrekin batez ere, baina helduekin ere egiten dute lan. Formakuntza handia behar da horretarako, ezin duzu edozer gauza egin. Julenen anaiak —Yeraik—, ikusi zuenean Takolok zer eragin izan zuen gaixoarengan, zera esan omen zuen: «Pailazoak dira gauzak alda ditzaketen bakarrak». Horrek ez dizuete beldurrik ematen? EGIZABAL: Oso ohituta gaude gauzak modu batean egiten gizarte gisa. Bat-batean, gauzak beste modu batean egiten dituen izaki dibergente bat ateratzen denean, danba!, zirkuitulaburra eragiten du. Umoreak ahalmen hori du, baina pailazoaren emozionalitate berezia da. Tragikomikoa da: komikotasuna tragediarekin lotuta dago. Komikotasunak askoz gehiago funtzionatzen du tragedia batean gertatzen denean. Hileta batean, edo errepide kontrol batean, esaterako. MUJIKA: Behin, hementxe bertan gelditu ninduten guardia zibilek, ikuskizun batetik bueltan nentorrela. «Zabaldu atzekoa! Animalia bat, bonbo bat... Baina zertan egiten duzu lan?». Eta nik: «Pailazoa naiz». Eta guardia zibilak: «Ongi, norberak ahal duen bezala irabazi behar du ogia». Isildu egin nintzen. Bestela esango nion: «Bai, jauna, zeuk bezala». Autozentsura, beraz. EGIZABAL: Bizirik iraun nahia! Askok izango dute gogoan Jordi Pesarrodona Kataluniako pailazo eta ekintzailea. 2018an, bolo-bolo zabaldu zen haren irudia, sudur gorriarekin guardia zibil armatu baten ondoan protesta egiten, Kataluniako erakundeen kontra eginiko operazio batengatik. Epaitu ere egin zuten gero, eta zigortu, desobedientziarengatik. Batzuek serioegi hartzen dituzte sudurgorriak? EGIZABAL: Erridukulua ez da batere erosoa boterearentzat. Ez zuen berez ezer egin: gizajo eta galtzaile itxurarekin hor jarri, besterik gabe, baina autoritatea kentzen dio besteari. «Ez da kontu barregarriagorik gehiegizko solemnitatea baino», idatzi zuen beste pailazo batek, Jose Inazio Ansorena Mirri-k. Boterearen estetika agerian uzten duelako gorroto dute umorea? EGIZABAL: Botereak erritualak ditu, eta hori apurtzea berez oso erraza da, edozein tontakeriak apurtzen baitu solemnitatea. Baina horrek prezio bat dauka. Politikari batzuen artean, joera dago pailazo gisa agertzeko, eta pitokeriak apropos esateko, jator emateko eta entzuleak eurekin identifikatzea bilatzeko. Zuen trikimailuak ikasi eta intrusismoa egiten dizuete? EGIZABAL: Tesiak egin dituzte horren inguruan, eta ondorioztatu dute botereak beti erabili duela umorea. Umorea oso zapaltzailea izan daiteke, baina oso askatzailea ere bai. Botereak, edo mainstream-ak, beti egin die barre zapalduei. Egin diezaiegun barre homosexualei, emakumeei..! Zapalduak boteredunari barre egiten dionean, orduan da umorea askatzailea. Mintzeko ere erabili daiteke umorea, baina erabaki behar duzu nor mindu nahi duzun, guardia zibila ala atxilotua? Ezin da aseptikoa izan, ez dago neutraltasunik, eta, dagoenean, askotan mainstream-a da, eta hori biolentoa da. MUJIKA: Aho biko ezpata da umorea. Neuk ere erabili dut mintzeko. Pailazoak tarta hartzen du, eta bere aurpegira botatzen du, jendeak barre egin dezan. Bestearen aurpegira botatzen duenean, ordea, ederra egin du orduan! Nik jendeari esaten diot bihotza eta burua zabaltzeko, komikoak besterik ez direlako. Niri etortzen zaizkit andaluziarrak mozorro dendara, eta flamenko dantzariaren mozorroaz kexatzen zaizkit: «Nola sal dezakezu hau, gero jendeak barre egiteko?». EGIZABAL: Eta inauterietan baserritar jantziz gero euskaldunen lepotik barre egingo balitz? Ez al da norbait haserretuko? Oso zaila zaigu gutxitua eta zapaldua sentitzen denaren lekuan jartzea. Batzuk inauterietan emakumez nola mozorrotzen diren ez dit inongo graziarik egiten: prostitutak, erizainak... Mezu bat bidaltzen ari zara. Ulertzen dut beltzak haserretzea zuri bat beltzez mozorrotzen denean. Ez gaude gizarte berdindu batean. Zu pribilegiotik ari zara. Umorea gizartearekin aldatzen da. Zuri gertatzen al zaizu garai bateko txantxa edo esketxen bat gogoratzea, eta esatea: «Gaur hau onartezina litzateke; nolatan egiten genuen hau»? MUJIKA: Beste parametro batzuk ziren lehen, genero gaian, esaterako. Lehen edozein gauzarekin egiten ziren txisteak: gorrekin, itsuekin... Gaur, erne! Ezin da hori egin. EGIZABAL: Ahal da, eta jendeak egiten du. Orain kantzelazioaren kontuarekin jendeak esaten du: «Orain ezin dugu ezer esan!». Hori esaten dutenak gizon zuri heteroak dira beti. Zuek nahi duzuena esaten duzue orain ere, baina badago adierazpen askatasuna. Kontua da orain besteok ere badugula adierazpen askatasuna zuri esateko adierazi duzun horrek indarkeria dakarrela. Nik dakidala, ez dago inor kartzelan arrazakeria edo matxistadak botatzeagatik. Kartzelan daudenak horren kontra joateagatik daude. Zuk nahi duzuna zera da: sekulako matxistada botatzea eta, gainera, jendeak esatea barregarria dela. Bada, ez. Jendeak «nahikoa da» esan du. Erantzukizuna eskatzen da. MUJIKA: Garaietara moldatu behar duzu; bestela, erantzuna helduko zaizu. Ni beti saiatu naiz pailazotzan beste zer edo zer egiten, magia adibidez. Kaiolaturiko uso zuriekin hasi nintzen lanean, esaterako. Gero Beltzi txakurra izan nuen. Neuk trebatu nuen. «Beltzi, guau, gau, lagun maitagarria...». Hori ikaragarria zen haurrentzat: igo eta jaitsi! Gero Margarita oiloa ere bagenuen... Animaliak erabiltzea ikuskizunetan? Oso kritikagarria da. Baina garai hartan niretzat familia ziren, etxekoak bezala. Etxeko sofa Beltzirena zen. Izugarria zen hura, artista zen, kobratzen ez bazuen ere. Hamahiru urtez bizi izan zen gurekin. Zein izan zen Takolo, Pirritx eta Porrotxen arrakastaren funtsezko arrazoia? MUJIKA: Hutsune bat bete genuen, baita linguistikoa ere. Ez zebilen maila horretako beste talderik herriz herri. Telebistakoak bazeuden, baina ez ziren plazetara iristen. Geu bai, baina larunbatetan eta igandeetan lan egitearen truke. Familientzako musika ere zabaltzen lagundu zenuen, kanpoko kantak moldatuta. Asko harritu al dira jakitean haurren bainurako Riki Riki bertsio bat dela? MUJIKA: Ez dakit zer zintatatik atera genuen kanta. Arrakasta bihurtu zen. Batzuk gero harrituta etortzen zitzaizkigun: «Zuen kanta Bartzelonan entzun dugu. Kendu egin dizuete!». Hitzak dira geureak. Beste kanta batzuk bai, geureak dira; tira, Iñaki Salvadorrek-eta eginikoak. Oraindik jaietan talde batek kanta jotzen badu, jendea deika hasten zait: «Takolo! Igo agertokira Riki riki kantatzera». 25 urteren buruan esan zenuen nahikoa zela. Barnetegiko lana, familia, asteburuetan lan egin beharra... Damutu al zara inoiz? MUJIKA: Agian bai. Oraindik barruan daukat. Batzuetan oraindik amesten du bihar saio bat dudala, eta badira 18 urte utzi nuela. Urte gogorrak izan ziren, baina onak. Garai hartan, geuk egin behar genuen dena: muntatu eszenatokia, megafonia jarri... Zazpi ordu ziren ordubeteko saiorako. Orain, berriz, beste batzuek egiten badizute hori, eta zeu, antzeztu, eta etxera bazoaz... Hola bai! Zer iruditzen zaizue azken boladan zabaltzen ari den pailazo beldurgarrien fenomenoa: Pennywise, Joker...? Koulrofobia da pailazoen beldur izatearen izen teknikoa. Ulertzen duzue? MUJIKA: Buruhandiekiko fobia ere badago. Ordizian [Gipuzkoa], Ertzaintza «pailazo hiltzaile» baten bila ibili zen behin [2016an]. EGIZABAL: Behin, Martuteneko espetxera sartu nintzen tailer bat ematera [Gipuzkoa]. Baina ez zidaten sudur gorriak sartzen utzi, emakume moduluko preso batek fobia zuelako, eta ez zutelako izua zabaltzea nahi. Zu orain menopausiaren inguruan ari zara, Magma mia saioarekin. Zer helburu duzu etorkizunerako? EGIZABAL: Orain salatu nahi ditudan gauzak umorearen bidez kontatu nahi ditut, eta ikuspegi feminista batekin. «Begira neskak nolakoak diren», entzuten duzu plazetan. Ez! Begira neskak nola egiten ditugun! Hori ulertaraztea nahi dut, sistema oso bat baitago horren atzean. Aurkikuntza bat egiten denetik gizartera iristen denerako ehun urte pasatzen ohi direla irakurri dut. Nik egon nahi dut aurkikuntzatik 70 urtera, eta jendeari 30 urte aurreztu. Eta bilobak dira orain zure entzuleak? MUJIKA: 5 urteko bilobak orain jakin du Takolo naizela, batzuk hasi zirelako «Takolo, Takolo!». Ezagutzen zuen, behin antzeztu nuelako, baina ez zen konturatu neu nintzela. EGIZABAL: Oraindik ukazio fasean egongo da. MUJIKA: Okerrenak gurasoak dira: ez kendu ilusioa haur txikiei!
2023-7-24
https://www.berria.eus/albisteak/231093/agustin-mujika-takolo.htm
Agustin Mujika, ‘Takolo’
Agustin Mujika, ‘Takolo’.
'Takolo' izen artistikoarekin egin zen ezaguna, Pirrutx eta Porrotx hirukotearekin hasieran, eta Pirritxekin gero. Irakaslea izan da lanbidez, erretiroa hartu arte. Haren ekimena izan ziren haurrak hizkuntzan murgiltzeko Euskal Girotze Barnetegiak, eta hezkuntzarako materiala sortu du, besteak beste Euskal girotze barnetegiak: oinarri, jolas eta teknika hezitzaileak liburua. Pailazo taldea utzi arren, jarraitzen du antzezle. Sabelhiztun ikuskizunak ere garatu ditu, besteak beste Simon panpinarekin. Beste hainbat pertsonaia sortu ditu, tartean Lasarte-Orian Olentzeroren etorrera haurrei iragartzen dien Xixuko ahatea, eta Zaldibiko Mondeju jauna.
2023-7-24
https://www.berria.eus/albisteak/231094/bea-egizabal-ollokiegi.htm
Bea Egizabal Ollokiegi
Bea Egizabal Ollokiegi.
Hiru urtez ikasi zuen unibertsitatean, baina laborategiaren eta beraren artean ez zen kimika handirik sortu. Kontu kontalari hasi zen orduan, eta, poliki, pailazo bihurtu zen Oihulari Clown taldean. Inprobisaziorako dohaina zuenez, Ane Labaka bertsolariarekin bat egin zuen Erradikalak gara ikuskizuna sortzeko. Feminismoaren inguruko ideiak eta hausnarketak umorez landu zituen hor. Ingurukoek nabarmendu dutenez, trebezia handia du pentsalari feministek erabiltzen dituzten kontzeptu abstraktuak edonork ulertzeko moduko eguneroko bizitzako adibideekin azaltzeko. Autoak gidatzeko beldurra gainditu zuen, ahalduntze taldeen laguntzarekin.
2023-7-24
https://www.berria.eus/albisteak/231095/txibite-sendotasun-handia-ematen-digu-nafarroako-gobernua-gidatzen-jarraitzeko.htm
Politika
Txibite: «Sendotasun handia ematen digu Nafarroako Gobernua gidatzen jarraitzeko»
PSNren Eskualdeko Batzorde Exekutiboa bildu da arratsaldean atzoko emaitzen balorazio positiboa egiteko.
Txibite: «Sendotasun handia ematen digu Nafarroako Gobernua gidatzen jarraitzeko». PSNren Eskualdeko Batzorde Exekutiboa bildu da arratsaldean atzoko emaitzen balorazio positiboa egiteko.
Igandean, 92.748 nafarren babesa jaso zuen PSOEk, eta 1986ko Espainiako Gorteetako hauteskundeak geroztik lehen aldiz garaipena eskuratu du Nafarroan. Bi diputatu eta hiru senatari lortu ditu,. «Nafarrek mezu argi bat helarazi digute. Gorteetarako hautatu beharreko bederatzi ordezkaritatik bost sozialisten esku geratu dira», azpimarratu du Maria Txibite PSNko idazkari nagusiak. Emaitza horiek hauspoturik. Txibitek nabarmendu du Nafarroaren interesen defendatzaile nagusi bihurtu dela Alderdi Sozialista. 18:00etan, PSNren Eskualdeko Batzorde Exekutiboa bildu da. Bilkura amaituta, Txibitek kazetarien aurrean adierazpenak egin ditu. Kanpainan, PPren eta Vox-en arteko aliantza baten mehatxuaren aurrean herritarrek erantzun dutela uste du: «Herritarrek ez dute nahi ez murrizketarik ez eta atzerapausorik ere. Ezkerraren eta eskuinaren arteko lehian, ezkerra nagusitu da argi eta garbi». Inbestidurari begira, Pedro Sanchezen alde egingo dutela argi utzi du. «UPNk esan du Feijoori emango diola babesa, bere balizko inbestiduraren aurrean. Zalantza dut aurkeztuko dela, ikusirik ez duela nahikoa babesik, baina edozein kasutan nafarrek PSN hautatu dute Nafarroaren interesak defenditzeko. UPNk albo batera utzi du bere erregionalismoa eta foraltasuna». Gobernuaren osaeraz Hilabete eta lau egun geratzen dira Nafarroan Gobernua osatzeko. Txibiteren iritziz, atzoko emaitzek PSNri «zilegitasuna eta sendotasun handia» ematen diote Nafarroako Gobernua gidatzen jarraitzeko. «Negoziazioetan aurrera jarraituko dugu». Txibitek azaldu du ez dutela egutegirik zehaztuta. «Datozen egunetan bilerak egingo ditugu negoziazioetan aurrera egiteko eta gobernuaren programa zehazteko». Garrantzitsua deritzo akordioa lortzeko, hiru indarrak «eroso egoteko» hurrengo lau urteetan. Bere irudiko, programak berak zehaztuko du gobernuaren osaera eta norabidea. «Adibidez, osasungintzak garrantzia handia hartu du, etxebizitzak ere bai, eta programan garrantzia ematen diogun beste gaiek ezar dezakete organigramaren aldaketa». Txibitek, halaber, uste du gobernuaren baitan hobetu beharreko gauzak daudela uste du eta behin hori zehaztuta etor daiteke alderdi bakoitzaren ordezkaritzaren banaketa. Negoziazioen hasieratik Geroa Baik eskatu du bere ordezkaritzari eustea eta gobernu eredua finkatzea. Txibitek zehaztu du ez diotela uko egiten bere ordezkaritza handitzeari. Igandeko emaitzek hori berretsi duela gaineratu du. "Horrek bere isla izan behar du ordezkaritza instituzionalean». Ez du zehaztu zer esan nahi duen, baina bai argitu du senatari autonomikoa sozialista izatea nahi dutela, besteak beste.
2023-7-25
https://www.berria.eus/albisteak/231117/osasunak-konferentzia-liga-jokatuko-du-kirolaren-arbitraje-auzitegiak-arrazoia-eman-ostean.htm
Kirola
Osasunak Konferentzia liga jokatuko du Kirolaren Arbitraje Auzitegiak arrazoia eman ostean
Osasunak zelaian lortutakoaz gozatzeko aukera izango du azkenean. Gorritxoak abuztuaren 7an egingo den Konferentzia ligako kanporaketetako zozketan izango dira
Osasunak Konferentzia liga jokatuko du Kirolaren Arbitraje Auzitegiak arrazoia eman ostean. Osasunak zelaian lortutakoaz gozatzeko aukera izango du azkenean. Gorritxoak abuztuaren 7an egingo den Konferentzia ligako kanporaketetako zozketan izango dira
Osasunak Konferentzia liga jokatuko du 2023-2024 denboraldian. Klubak azaldu bezala, Osasunak Konferentzia ligan parte hartzearen defentsan aurkeztutako froga berriak ikusita, Europako Futbol Federazioak (UEFAk) ondorioztatu du «Osasuna duela ia hamar urte izandako gertakarien biktima» izan zela, eta erakundeak gertakari horiek argitzeko egin zuen ekimena «baloratu» du. Ondorioz, UEFAk talde gorritxoaren parte hartzea onartu du Europako txapelketan. Osasuna, beraz, abuztuaren 7an egingo den Konferentzia ligako kanporaketetako zozketan izango da. Abuztuaren 24an eta 31n jokatuko ditu partidak. Hil honen lehen astean UEFAren Apelazio Batzordeak atzera bota zuen erakunde horren Kontrol, Etika eta Diziplina Batzordeko ikuskatzaileek Osasunarentzat proposatutako zigorraren aurka klubak aurkeztutako helegitea. Ikuskatzaileek datorren denboraldian Konferentzia liga jokatu gabe zigortu zuten Osasuna, klubeko zenbait agintari ohik 2013-2014ko denboraldiko Espainiako Lehen Mailako bi partidaren emaitzak adostu zituztelako. Osasunak Kirola Arbitraje Auzitegira zuen orduan, «klubaren eskubideen aurkako erasoa» dela argudiatuta. Hala ere, UEFAk diziplinazko prozedura bat ireki dio Osasunari prozesu horretan zuzenbide arruntera jotzeagatik, baina horrek ez du eragotziko klubak Europako lehiaketan parte hartzea. Klubak adierazi du UEFAk ezartzen dion zigorra onartuko duela, eta ez du helegiterik aurkeztuko.
2023-7-25
https://www.berria.eus/albisteak/231118/osasunak-konferentzia-liga-jokatuko-du-uefak-oniritzia-eman-ostean.htm
Kirola
Osasunak Konferentzia Liga jokatuko du, UEFAk oniritzia eman ostean
Halere, zigortzeko prozedura zabaldu dio talde gorritxoari, afera auzitegi arruntetara eramateagatik.
Osasunak Konferentzia Liga jokatuko du, UEFAk oniritzia eman ostean. Halere, zigortzeko prozedura zabaldu dio talde gorritxoari, afera auzitegi arruntetara eramateagatik.
Azkenean bai. Osasuna futbol taldeko zuzendaritzak zabaldu berri duen agiri baten arabera, Europako Futbol Federazioaren (UEFA) Kirola Arbitratzeko Epaitegiak (TAS) ontzat eman du talde gorritxoak Konferentzia Ligan parte hartzea. Uztailaren hasieran, Apelazio Batzordeak atzera bota zuen Osasunak Konferentzia liga ez jokatzeko zigorraren aurka aurkeztutako helegitea. Batzordeak erabaki zuen Nafarroako taldeak ezin zuela Konferentzia liga jokatu, klubaren agintari izandako batzuk 2013-2014ko denboraldiko Espainiako Lehen Mailako bi partidaren emaitzak adostu zituztelako. Orduan, taldeari geratzen zitzaion azken aukera Kirola Arbitratzeko Epaitegia zen. Osasunako zuzendaritzak zabaldu duenez, proba gehiago aurkeztu dizkio auzitegiari, eta horrek ikusita, epaileek erabaki dute Osasuna «biktima» izan zela aferan, eta ontzat eman du taldeak kasua argitzeko eginiko lana. «Ondorioz, UEFAk gaitzat jo du Osasuna Europako lehiaketako oraingo aldian parte hartzeko». Osasunak adierazi duenez, taldeak parte hartuko du Konferentzia Ligako kanporaketak zozketatzeko saioan, abuztuaren 7an. Kanporaketak abuztuaren 24an eta 31ean egingo dituzte. «TASen berresteak amaitu egin du erakundeak azken bi hilabeteotan kirol justizian zein auzitegi arruntetan egin duen borroka, bere eskubideak eta haien bazkideen eskubideen defentsan». Edonola ere, taldeak azaldu du UEFAk zigortzeko prozedura zabaldu diola epaitegi arruntetara jotzeagatik bere burua denfendatzeko. Prozedura horrek ez dio eragingo, edonola ere, Konferentzia Ligan parte hartzeko baimenari. Taldeak adierazi du onartu egingo duela zigorra, eta ez diola helegiterik jarriko, eta UEFAri agindu diola ez dituela kirol auziak berriz eramango justizia arruntera.
2023-7-25
https://www.berria.eus/albisteak/231119/greba-egitera-deitu-dute-autobus-gidariek-baionako-bestetan.htm
Gizartea
Greba egitera deitu dute autobus gidariek Baionako bestetan
Txik Txak eta Chronoplus autobus zerbitzuetan trabak izanen dira Baionako bestetan, gidarien greba aurreikusia baita. Besten segurtasuna «jokoan ezartzea» leporatu die Etxegaraik.
Greba egitera deitu dute autobus gidariek Baionako bestetan. Txik Txak eta Chronoplus autobus zerbitzuetan trabak izanen dira Baionako bestetan, gidarien greba aurreikusia baita. Besten segurtasuna «jokoan ezartzea» leporatu die Etxegaraik.
Uztailaren 26tik 30era Txik Txak eta Chronoplus autobus sareko gidarien greba deitu dute FO, CFDT eta CGT sindikatuek. Izan ere, haien lan baldintzen hobetzea nahi dute, eta Keolis zuzendaritza enpresaren «kudeaketa errepresiboa eta antisoziala» deitoratu. FO eta CGT sindikatuek adierazi dutenez: «autobus gidari batek sei ordu segidan gida dezake benetako pausarik ukan gabe». Aldarrikapena ez da berria. 2022ko udan ere mobilizatu ziren gidariak. Sindikatuek karrikaratu dutenez, joan den urtetik zuzendaritzak «hitzeman» zituen lan baldintza hobeak, batik bat, gidari guztientzat eman behar ziren irrati-sistema orokortuak ez dira plantan eman. Horrez gain, Txik Txak eta Chronoplus autobus zerbitzuetako langileei besten garaian emaniko lan sari emendatzea zalantzan jartzen du zuzendaritzak aurten. Greba deialdi ulertezina da Jean Rene Etxegarai, Euskal Elkargoko lehendakariarentzat. Salatu duenez, «besten segurtasuna jokoan ezarria da». Haren ustez, nahiz eta joan den urteko mobilizazioen arrazoia ulertzen duen, «aurtengo elementu guztiek ez dute justifikatzen greba egoera hau» eta «besten instrumentalizazioa» dela adierazi du. Sindikatuek igande honetan argitaratu den grebarako aitzinabisua urrira arte luzatzen dela diote, eta, ondorioz, behin eta berriz mobilizatzeko prest izanen dira negoziaziorik erdietsi ezean.
2023-7-25
https://www.berria.eus/albisteak/231120/haur-bati-sexu-irudiak-eskatzeagatik-gizon-bat-atxilotu-dute-tolosan.htm
Gizartea
Haur bati sexu irudiak eskatzeagatik gizon bat atxilotu dute Tolosan
Hamar urteko neska bati eskatu dizkio irudiak, 26 urteko gizonak. Adingabearen gurasoek jarri dute salaketa.
Haur bati sexu irudiak eskatzeagatik gizon bat atxilotu dute Tolosan. Hamar urteko neska bati eskatu dizkio irudiak, 26 urteko gizonak. Adingabearen gurasoek jarri dute salaketa.
26 urteko gizon bat atxilotu du Guardia Zibilak Tolosan, haur bati sexu irudiak eskatzeagatik. Tolosaldeko Atariaren arabera, ohartu dira mezuez gain sexu izaerako argazkiak ere trukatu zituztela. Gizonaren arrastoa atzeman ondoren, haren etxea miatu du Guardia Zibilak; ordenagailua eta sakelakoa hartu dizkiote frogak eskuratzeko. Geroztik, gizona atxilotu egin dute, eta afera epailearen esku utzi. Mezularitza aplikazio baten bidez, gurasoek alabaren eta gizonaren arteko elkarrizketak atzeman zituzten, eta salaketa jarri.
2023-7-25
https://www.berria.eus/albisteak/231121/milaka-pertsona-elkartu-dira-santiagon-galiziako-aberri-egunean.htm
Mundua
Milaka pertsona elkartu dira Santiagon, Galiziako Aberri Egunean
Euskal Herriko ordezkariak egon dira BNG alderdiak antolaturiko manifestazioan, tartean Kontseilukoak eta EH Bildukoak.
Milaka pertsona elkartu dira Santiagon, Galiziako Aberri Egunean. Euskal Herriko ordezkariak egon dira BNG alderdiak antolaturiko manifestazioan, tartean Kontseilukoak eta EH Bildukoak.
Aberri Eguna ospatzen dute Galizian uztailaren 25an, eta, horren harira, BNG alderdi nazionalistak deituriko manifestazioan milaka pertsona elkartu dira Santiagoko kaleetan. Gero eta gehiago, Galizia berri baterako lelopean, martxa egin dute hiriko kaleetan barrena. Alderdiak sostengua pilatu nahi du Galizian egingo dituzten hurrengo hauteskundeetarako. Ana Ponton eledunak «ziklo aldaketa» eskatu du, Xuntako historiako lehenengo emakumezko presidente bihurtzeko. Bloke nazionalistako ateak zabalik daudela esan du, «oinarria zabaltzeko». Eguerdian abiatu da manifestazioa, Compostela zumarditik. «Galizia aske, herri boterea» oihuen artean egin dute aurrera, jai giroan. BNGko ordezkariez gain, Bruselako Legebiltzarreko Europako Aliantza Aske taldeko kideak egon dira manifestazioaren buruan. Euskal Herriko ordezkaritza bat ere, tartean Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabel Larrañaga, eta Paul Bilbao Sarria. Horrez gain, EH Bilduko nazioarteko taldeko Igor Zulaika egon da martxan, eta EAko Lorena Lopez de la Calle. Amaierako ekitaldian, Ponton bera, Galiza Novako idazkari nagusi Marta Gomez, eta Daniel Castro diputatua mintzatu dira.
2023-7-25
https://www.berria.eus/albisteak/231122/psnk-geroa-baik-eta-znk-negoziazioei-ekin-diete-berriz.htm
Politika
PSNk, Geroa Baik eta ZNk negoziazioei ekin diete berriz
Gobernabidea bermatzeko UPNk egindako proposamena baztertu du Alzorrizek: «Etenik gabe mespretxatu eta iraindu gaituzte»
PSNk, Geroa Baik eta ZNk negoziazioei ekin diete berriz. Gobernabidea bermatzeko UPNk egindako proposamena baztertu du Alzorrizek: «Etenik gabe mespretxatu eta iraindu gaituzte»
Jaieguna izanagatik, gaur bilduko dira PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa, Nafarroako Gobernuaren programa hitzartu asmoz. Uztail hasieran programen edukiaren negoziazioa hasiz geroztik, diskrezioa gorde dute. Beraz, ez dute deialdi publikorik egin. Astelehen arratsaldean, PSNren Eskualdeko Batzorde Exekutiboaren bileraren ondotik, Maria Txibite idazkari nagusi eta jarduneko lehendakariak baieztatu zuen ez dutela egutegirik, baina abuztuaren 28ra arteko epemuga dute. Kazetariei azaldutakoaren arabera, gobernuaren osaeraren negoziazioa ondoren etorriko da, akordio programatikoaren lehentasunek markatu dezaketelako gobernuaren egitura bera. Ikusi gehiago: Txibite: «Sendotasun handia ematen digu Nafarroako Gobernua gidatzen jarraitzeko» Aurretik, Geroa Bai kritiko azaldu da negoziazioen eskema horrekin, aurretik nahi duelako PSNk argitzea zer gobernu eredu nahi duen eta zer pisu instituzional nahi duen alderdi bakoitzak izatea. Hilabete baten faltan, koalizioak ohartarazi du nahiago dutela akordio on bat lortu premiak behartuta akordio oker bat egin baino. Ez dirudi, dena den, desadostasun horiek traba gaindiezina izango direla. Zurekin Nafarroa, pozik Zurekin Nafarroak ohar bat bidali du, Sumarrek lortutako emaitzek zapore «gazi-gozoa» utzi dietela adierazteko. Nahiz eta diputatua ez lortu, maiatzaren 28ko bozekin alderatuta, ia bikoiztu egin dute, eta Idoia Villanueva Madrilera bidaltzeko «2.000 botoren faltan» geratu dira. Orotara, 43.564 boto lortu dituzte. Emaitza horiek euren posizioa indartu egiten duela uste du ezkerreko koalizioak. Euren ustez, hauteskundeen ostean, PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak «are indar handiagoz» hartu behar dituzte gobernua osatzeko negoziazioak eta horiei begira euren rola indartu delakoan daude. UPN, urduri Testuinguru horretan, posizioa zailean geratu da UPN. 1986tik lehen aldiz lehen indar izateari utzi dio, eta laugarren geratu da. Diputatu bat eta senatari bat lortu badu ere, Javier Esparzak Nafarroako Gobernua lortzeko helburu are gehiago urrundu zaio. Horren jakitun, UPNko presidenteak legealdiari begira gobernabidea bermatzeko «oso eskaintza eskuzabala» luzatu dio PSNri, EH Bildu negoziazioetatik at uztearen truke. Halaber, UPNk egungo udalei eutsi ahal izatea galdegin du, arriskuan ikusten duen seinale. Alzorrizen erantzuna Ramon Alzorriz PSNko Antolamendu idazkariak baztertu egin du proposamena. «Etenik gabe mespretxatu eta iraindu gaituzte azken urteetan, eta orain eskaintza hau egiten digute ez dituztelako emaitza onak izan». Amarru politikotzat jo du. «Gaur arte ibili zaizkigu aurpegiratzen Nafarroa saldu dugula». Alzorrizek gaineratu du proposamenak ez duela sinesgarritasunik ez zietelako hori esan maiatzaren 28aren ondoren. Nafarroako Gobernua osatzeko negoziazioei begira, uste du ez dela arazorik egongo. «Sanferminen aurretik aurrera egin genuen elkarrizketatan, eta orain aurrera egingo dugu lehenbailehen akordiora iristeko». Bere irudiko, sozialisten emaitza onek euren posizioa indartu dute. Onartu du hizkuntzaren arloan edo kudeaketan ez datozela bat, baina ez du uste eragozpen handia izango dela: «Herritarrek agindua eman digute ados jartzeko eta eskuina oposiziora bidaltzeko, eta ondorioz, gure arteko desadostasunez harago, akordiora ailegatzeko konpromiso hori bete behar dugu».
2023-7-25
https://www.berria.eus/albisteak/231123/aurreikuspenak-hobetu-ditu-ndfk-baina-arriskuei-aurre-egiteko-prestatzeko-eskatu-die-herrialdeei.htm
Ekonomia
Aurreikuspenak hobetu ditu NDFk, baina arriskuei aurre egiteko prestatzeko eskatu die herrialdeei
Nahiz eta munduko ekonomia espero baino gehiago haziko den, hazkundea maila historikoen azpitik dagoela adierazi du Nazioarteko Diru Funtsak.
Aurreikuspenak hobetu ditu NDFk, baina arriskuei aurre egiteko prestatzeko eskatu die herrialdeei. Nahiz eta munduko ekonomia espero baino gehiago haziko den, hazkundea maila historikoen azpitik dagoela adierazi du Nazioarteko Diru Funtsak.
Apirilean 2023 eta 2024rako egindako aurreikuspenak berritu ditu NDF Nazioarteko Diru Funtsak, eta adierazi du orduan aurreikusitako ekonomiaren geldialdia motelagoa izango dela, eta inflazioa, berriz, espero baino azkarrago jaitsiko dela. Hala, 2023an munduko BPG barne produktu gordina %2,8 haztea espero zuten, baina Pierre-Olivier Gourinchas NDFko ikerketa alorraren zuzendariak adierazi du %3 haziko dela. Hala ere, finantza sektorearen ezegonkortasunari aurre egiteko prestatzeko eskatu die herrialdeei, eta likidezia azkar handitu dezaketen tresnak garatzeko. Gourinchasen arabera, apirilean aurreikusitakoa gehien hobetu dutenak ekonomikoki garatuta dauden herrialdeak dira, %1,3tik %1,5era igo baitute horien hazkundearen aurreikuspena. Garabidean diren ekonomien hazkundea, berriz, espero baino %0,1 handiagoa izango da, %4. Hala ere, herrialde horien 2024ko hazkunde aurreikuspenak okertu dituzte, %4,2tik %4,1era. Euroguneko ekonomia 2023an %0,9 haztea espero du NDFk, baina 2024an hazkundea azeleratu egingo da, %1,5era. AEB Ameriketako Estatu Batuetan, berriz, alderantzizkoa izango da joera: aurten %1,8 haztea espero du, baina 2024an %1era jaitsiko da. Gourinchasek adierazi du herrialde garatuen hazkunde ekonomikoa ohiko mailaren azpitik egotea inflazioaren aurkako neurrien gogortasunagatik gertatu dela, interes tasen igoera azkarra batez ere; uste du hori dela motelaldiaren arrazoirik handienetako bat. Garabidean diren herrialdeen artean, Txinako ekonomia da nagusia, eta, aurten, BPGa %5,2 haztea espero dute; 2024an, ordea, %4,5. NDFk uste du Txinak pandemiaren ostean ekonomia ireki izanak hazkundea bultzatu duela, baina adierazi du hainbat arazo direla-eta erritmoa jaisten ari dela. Arazorik handienetako bat etxebizitzen merkatuaren «etengabeko ahultasuna» dela uste du. Horrez gain, kanpoko eskaria oraindik ere ahul dagoela adierazi du NDFk, eta gazteen langabeziak (%20,8 maiatzean) lan merkatuaren «makaltasuna» erakusten duela. Inflazioaren bilakaera Gourinchasen arabera, energiaren eta jakien prezioek «espero baino azkarrago» egin dute behera, eta hori ari da bultzatzen batez ere inflazioa jaistea. Hala, 2022ko %8,7ko inflazioa aurten %6,8ra jaitsiko dela uste du, eta 2024an, berriz, %5,2ra. Hala ere, inflazioaren aurkako borroka oraindik irabazi gabe dagoela adierazi du Gourinchasek. NDFren beste buruhausteetako bat azpiko inflazioa da —energiaren eta elikagaien prezioak kontuan hartu gabe kalkulatzen da adierazle hori—. Izan ere, inflazio orokorrarekin alderatuta, azpiko inflazioak «motelago» egingo du behera: 2022an %6,5, 2023an %6 eta 2024an %4,7. Azpiko inflazioa oraindik oso goian duten ekonomietako banku zentralei gomendatu die politika murriztaileekin jarraitzeko, interes tasak goian mantenduz. Bankuak eta interes tasak Silicon Valley eta Credit Suisse bankuen krisiak 2008tik piztu gabe zeuden alarmak piztu zituen, eta lerroburuak beste finantza krisi baten hipotesiekin bete ziren. Erreskate azkarren bidez, AEBek eta Suitzak gutxi gorabehera konpondu zuten egoera, baina NDFk adierazi du antzeko gertakariak berriro gertatzeko aukera dagoela, eta herrialdeei eta ekonomiei prestatzeko gomendatu die. Antzeko gauzak gertatuz gero inflazioak gora egin dezakeela ohartarazi du NDFk, eta likidezia azkar handitu dezaketen tresnak garatzeko eskatu die herrialdeei. Bestalde, finantza erakundeen ikuskapena bankuen arrisku mailaren eta tamainaren arabera moldatzeko gomendatu die. NDF eta Europa Nazioarteko Diru Funtsa gogorra izaten ari da eurogunearekin eta Europako Batasunarekin, joan den astean diru politika gogortzeko eta defizit publikoak jaisteko eskatu baitzien. Bestalde, EBZ Europako Banku Zentralari ere beste eskari bat egin zion: interes tasak gehiago igotzea. Hain zuzen ere, etzi, ostegunean, Frankfurten (Alemania) bilduko da berriro ere EBZ, eta ziurrenik interes tasak beste %0,25 igoko ditu, %4,25era. Maiatzean, interes tasak %3,75era igo zituztenean, Christine Lagarde EBZko presidenteak adierazi zuen igoerak ez zirela amaitu oraindik; beraz, aurreikustekoa da datozen hilabeteetan tasek berriro gora egitea. Etziko bileraren ostean, irailean elkartuko dira berriro ere, hilaren 14an, eta hurrengoa urriaren 26an izango da.
2023-7-25
https://www.berria.eus/albisteak/231124/ehun-ek-proposatu-du-udaletxeetan-erreferendum-lotesleak-antolatzea.htm
Politika
Ehun-ek proposatu du udaletxeetan erreferendum lotesleak antolatzea
Espainian eta Frantzian estrategia askatzaileak ezingo direla egin iritzita, aldebakarrez jardun behar dela dio, euskal errepublikaren alde
Ehun-ek proposatu du udaletxeetan erreferendum lotesleak antolatzea. Espainian eta Frantzian estrategia askatzaileak ezingo direla egin iritzita, aldebakarrez jardun behar dela dio, euskal errepublikaren alde
Ehun euskal errepublikaren aldeko mugimenduak uste du ezin dela Euskal errepublika eratzeko Frantziak eta Espainiak baimena noiz emango zain gehiago egon. Horregatik, erreferendum lotesleak antolatzea proposatu du udaletxeetan, «burujabetza eskatu beharrean burujabe jokatzen hasi behar dugu», esan du, ohar bidez. Uste dute euskal independentismoak menpekotasunezko ikuskerarekin jardun izan duela Frantziarekiko eta Espainiarekiko. Karlismotik abiatuta egiten du irakurketa hori Ehun-ek. Geroztik, aldeak alde, «gutxiagotasun konplexu hori albo batera uzteko gaitasunik ez dela izan» iritzi dio. Estrategiak pentsatu izan direla Frantziak eta Espainiak askatasuna eman egingo zigutelakoan, hori sinetsita. «Estrategia askatzaileak» Momentua da «estrategia askatzaile» berriak pentsatzeko, mugimenduaren arabera. Bide berri bat egiten hasteko unea delakoan, uste du lehenik eta behin bide berri hori normalizatzen hasi behar dela, diskurtso berriak barneratuz. Horretarako, ekintza bat egin dute, eta proposamena egin dute. Ekintza izan da hautetsontziak uztea Euskal Hirigune elkargoan, Nafarroako Parlamentuan eta Eusko Legebiltzarrean. «Nahi al duzu Espainiatik eta Frantziatik atera eta euskal errepublikan bizi?» galderari baiezko erantzunak jasotzen dituen hautetsontzia da. Ekintza horrekin adierazi nahi izan dute, zain egon gabe, ekimena hartzeko unea dela, eta horregatik proposatu dute udaletxeetan erreferendum lotesleak egitea, estatuek baimena eman zain egon gabe. Horrek aldebakarrez izan beharko duelakoan daude, «derrigorrez».
2023-7-25
https://www.berria.eus/albisteak/231125/prefetak-baionako-prokuradorea-deitu-du-u14-kolektiboaren-aurka-egitera.htm
Politika
Prefetak Baionako prokuradorea deitu du U14 kolektiboaren aurka egitera
Joan den uztailaren 14an izen bereko kolektiboak burutu ekintzak salatu ditu Pirinio Atlantikoetako prefetak. Baionako prokuradoreari dei egin dio gertakizunak kontuan hartzeko.
Prefetak Baionako prokuradorea deitu du U14 kolektiboaren aurka egitera. Joan den uztailaren 14an izen bereko kolektiboak burutu ekintzak salatu ditu Pirinio Atlantikoetako prefetak. Baionako prokuradoreari dei egin dio gertakizunak kontuan hartzeko.
Uztailaren 25 honetan agertu prentsa agiri batean, Pirinio Atlantikoetako prefetak jakinarazi du Baionako prokuradoreari eskatu diola U14 kolektiboaren aurka egiteko, joan den uztailaren 14an Frantziako besta egun nazionalean burutu ekintza baten salatzeko. Izan ere, militanteetarik batzuk Ziburuko hilen oroitarri puntara iragan ziren, eta frantses banderak kendu zituzten, eta lurrean utzi. Hartara, prefetak prokuradorearen abertitzeko erabakia hartu du, prozedura penalaren kodeko 40. artikuluaren aplikazioz. Erraterako, artikulu horri jarraikiz, estatuaren langile orok, «bere eginkizunak betetzean krimen edo delituren bati buruzko berri helduko bazaio, prokuradoreari jakinarazi beharko dio luzamendurik gabe, eta horri buruzko informazio, akta eta ekintza guztiak magistratu horri helarazi beharko dizkio».
2023-7-25
https://www.berria.eus/albisteak/231126/berrindustrializazioaren-finantzaketaz-eztabaidatu-dute-bilbon-ebko-industria-ministroek.htm
Ekonomia
Berrindustrializazioaren finantzaketaz eztabaidatu dute Bilbon EBko industria ministroek
Inbertsiogile pribatuen ihesa saihesteko neurriak hartuko dituztela iragarri dute.
Berrindustrializazioaren finantzaketaz eztabaidatu dute Bilbon EBko industria ministroek. Inbertsiogile pribatuen ihesa saihesteko neurriak hartuko dituztela iragarri dute.
Europako Batasuneko estatu kideetako kontsumo eta industria ministroen bilkura informala egiten ari dira Bilboko Euskalduna jauregian atzo eta gaur. Industria ministroen txanda izan da gaur, eta inbertsiogile pribatuek Europa ez uzteko neurriak proposatu dituzte. Neurrion helburua da inbertsiogile pribatuek Europatik «ihes ez egitea», Didier Reynders Europako Batzordeko Justizia komisarioaren arabera. Reyndersek adierazi du garrantzitsua dela Europako merkatu batua eraikitzen jarraitzea, eta, horretarako, uste du beharrezkoa dela Europako enpresen lehiakortasuna bultzatzea, Europa barruko zein kanpoko merkatuetan. Kanpoko herrialdeekiko menpekotasuna murriztea ere erronka bat da Europarentzat, eta, horretarako, autonomia estrategikoa defendatu du Reyndersek. Europako Batzordeak 5.000 produkturen merkatuak ikertu ditu, jakiteko menpekotasun hori murrizteko zer industria indartzea komeni den eta zer politika behar diren sektore horiek berrindustrializatzeko. Adierazi du, halaber, hainbat produktu eta lehengai estrategikoren etxeko produkzioa hobetu behar dela. Berrindustrializazio horretarako, baina, beharrezkoa izango da inbertsio publikoa zein pribatua handitzea. Europako funtsen helburuetako bat hori da, eta horren adibide da EBk gaur onartu duen Txipen Europako Legea. Inbertsio pribatuak ere bermatu behar dira, eta adierazi du inbertsiogile pribatuen ihesa saihesteko beharrezkoak direla inbertsioaren arriskua jaisteko neurriak.
2023-7-25
https://www.berria.eus/albisteak/231127/txipen-europako-legea-onartu-du-ebk.htm
Ekonomia
Txipen Europako Legea onartu du EBk
3.300 milioi euroren laguntza zuzenak izango ditu industriak, eta 43.000 milioi euro mugitzea espero dute.
Txipen Europako Legea onartu du EBk. 3.300 milioi euroren laguntza zuzenak izango ditu industriak, eta 43.000 milioi euro mugitzea espero dute.
Europako Batasuneko estatu kideek Txipen Europako Legea onartu dute gaur, duela gutxi Europako Parlamentuak egin ostean. Legearen neurri berriekin bikoiztu egin nahi dute Europako txipen ekoizpena, munduan egiten diren txipen %20 fabrikatzeraino. Helburu nagusia da Asiako herrialdeekiko menpekotasuna murriztea; izan ere, Hego Koreak eta Taiwanek fabrikatzen dituzte munduko txip gehienak —punta-puntako txipen %100—, eta azken urteetan hainbat arazo egon dira industria estrategiko horretan. Legeak 3.300 milioi euroren zuzeneko laguntzak jasotzen ditu, baina, inbertsio publiko eta pribatu bidez, beste 43.000 milioi euro mugitzea espero du EBk. Ekiteko hainbat lerro ditu lege berriak, industria oso konplexua baita. Lehenik eta behin, ekoizpena handitzeko fabrika nagusiak identifikatu eta finantzatuko dituzte. Epe motzeko neurria da hori, txip sinpleenen ekoizpena handitzeko; izan ere, gaur egungo autoek, esaterako, 3.000 eta 5.000 arteko txip kopurua dute, funtzio berri mordoa baitituzte auto modernoek zaharrekin alderatuta. Ikusi gehiago: Irantzu Alustiza, Fagor: «Mikrotxip batek bi hilabete eman ditzake produkzio lerroan» Bestalde, txipak fabrikatzeko makineria egiten duten enpresak ere lagunduko dituzte, eta diru laguntza bereziak jasoko dituzte bikaintasuna ematen dieten enpresei. Sektore horretan Europa munduko liderra da Herbehereetako ASML enpresagatik; izan ere, mikrotxip txiki eta aurreratuenak egiteko makinak —fotolitografiarako makinak— fabrikatzen dituen munduko enpresa bakarra da. Ikusi gehiago: Erdieroaleen gerra hotzean Azkenik, punta-puntako mikrotxipen ikerketa eta diseinua ere bultzatu nahi dute. Kasu horretan, nahiko atzean dago Europa, AEB Ameriketako Estatu Batuetako Hego Koreako eta Taiwango enpresek baitituzte txip onenen diseinuak —AEBetako Intelek ditu txikienak eta onenak—. AEBen bidea AEBek antzeko legea egin zuten jada, antzeko eta ez hain antzeko diren helburuekin. Izan ere, ardura bera dute AEBek eta Europak, baina egoerak ez dira berdinak. AEBetako enpresek dituzte mikrotxip aurreratuenen diseinuak eta patenteak, baina fabrikazioa ia guztiz kanporatua dute, Taiwanen, Hego Korean eta Txinan. Hala, barne produkzioa indartu nahi dute AEBek, baina ez soilik herrialde horiekiko menpekotasuna murrizteko, baita Txinari aurre egiteko ere. Hori dela eta, joan den urtean onartu zuten lege berriarekin —Chips and Science Act—, hornidura bermatzeaz gain, Txinari punta-puntako mikrotxipak fabrikatzeko ahalmena oztopatu nahi dio Joe Bidenek. Txinari murrizketak jarri dizkio AEBetako gobernuak, eta, hala, mikrotxip aurreratuenak lortzeko eta sortzeko aukerak murriztu dizkio Asiako herrialdeari. Lehenik eta behin, AEBetako teknologiarekin fabrikatutako mikrotxip aurreratuenak —adimen artifizialerako, superkonputaziorako eta superordenagailuetarako erabiltzen direnak— Txinara esportatzeko lizentzia berezia beharko da. Bestalde, AEBetako herritarrek eta enpresek ezingo dute lan egin txipak egiten dituzten Txinako enpresekin, baimen berezirik ez badute. Azkenik, txipak fabrikatzeko tresnak eta teknologia Txinara esportatzea debekatu du Bidenek.
2023-7-25
https://www.berria.eus/albisteak/231128/landarbaso-abesbatzak-asiako-grand-prixa-irabazi-du.htm
Kultura
Landarbaso Abesbatzak Asiako Grand Prixa irabazi du
Balin (Indonesia) jokatu da kantu lehiaketa, eta Errenteriako korua Asiako beste bost talderi gailendu zaio.
Landarbaso Abesbatzak Asiako Grand Prixa irabazi du. Balin (Indonesia) jokatu da kantu lehiaketa, eta Errenteriako korua Asiako beste bost talderi gailendu zaio.
Errenteriako (Gipuzkoa) Landarbaso Abesbatzak bere ibilbideko saririk garrantzitsuena eskuratu du gaur, Balin: Asiako Grand Prix finala. Lehiaketa horretan parte hartu duen Europako lehenengo abesbatza da Landarbaso, eta estreinaldian sari nagusia irabazi du. Asiako Grand Prix finalera beste hainbat lehiaketatan garaile ateratako abesbatzak igarotzen dira, eta 2019an Balin bertan egindako txapelketa irabazi ondoren pasatu zen finalera. Filipinetako bi abesbatzaz gain, Malaysiako koru bat, Indonesiako koru bat eta Taiwaneko beste bat izan ditu aurkari Iñaki Tolaretxipik zuzendutako taldeak. Finala Baliko Giri Nata Mandala aretoan jokatu da, abesbatzak berak ohar baten bidez adierazi duenez, «koru kanturako akustika zaila» duen areto bat: «Eszenatokiaren tamaina handia dela eta, zailtasunik handienetako bat musika publikoarengana eta, bereziki, nazioarteko epaimahaiarengana iristea izan da. Soinuaren potentzia eta kalitatea, ziur aski, faktore erabakigarriak izan dira garaipenerako». Landarbaso Abesbatzako 40 lagunak larunbatean abiatu ziren Balira, eta ia bi eguneko bidaia izan zuten aurretik. Finalean, berriz, bost pieza interpretatu behar izan zuten hogei minutuko tartean. Lan horien artean, Jesus Guridiren Akerra ikusi degu eta Javier Bustoren Ametsetan zeuden. Iñaki Tolaretxipiri egindako elkarrizketa argitaratu du gaur BERRIAk.
2023-7-26
https://www.berria.eus/albisteak/231152/sexu-eraso-bat-salatu-dute-getxon.htm
Gizartea
Sexu eraso bat salatu dute Getxon
Neska batek ukituak egin dizkiotela salatu du. Oraindik ez dago atxiloturik.
Sexu eraso bat salatu dute Getxon. Neska batek ukituak egin dizkiotela salatu du. Oraindik ez dago atxiloturik.
Ertzaintzak jakitera eman duenez, neska batek sexu eraso bat salatu du. Aixerrotako Nazioarteko Paellen Lehiaketa egiten den gunean gertatu zen, Getxon (Bizkaia). Atzo arratsaldean izan zela baieztatu dute. Arratsaldean bertan jarri zuen emakumeak salaketa, ukituak egin zizkiotelako. Hala ere, Ertzaintzak dio oraindik ez dutela inor atxilotu, eta gertatutakoa ikertzen ari direla.
2023-7-26
https://www.berria.eus/albisteak/231153/kontrolpean-dute-petronorren-piztutako-sutea.htm
Gizartea
Kontrolpean dute Petronorren piztutako sutea
Ez da inor zauritu.
Kontrolpean dute Petronorren piztutako sutea. Ez da inor zauritu.
Petronorrek jakinarazi du segurtasun protokoloak abian jarri dituela, Muskizko lantegian (Bizkaia) goizeko seiak aldera sute bat piztu eta gero. Findegia1 eremuan gertatu da, eta, Petronorren «bitarteko propioen bidez», kontrolpean hartu dute sutea. Enpresak jakinarazi duenez, ez da inor zauritu, eta gertatutakoa ikertzen ari dira sutea zergatik piztu den jakiteko.
2023-7-26
https://www.berria.eus/albisteak/231154/aurreakordioa-sinatuta-bizkaiko-merkataritzako-langileei-18-igoko-diete-soldata.htm
Ekonomia
Aurreakordioa sinatuta, Bizkaiko merkataritzako langileei %18 igoko diete soldata
Cecobi patronalak eta sindikatuek sinatu dute aurreakordioa. Lurraldeko 5.000 langileri eragingo die itun berriak.
Aurreakordioa sinatuta, Bizkaiko merkataritzako langileei %18 igoko diete soldata. Cecobi patronalak eta sindikatuek sinatu dute aurreakordioa. Lurraldeko 5.000 langileri eragingo die itun berriak.
ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek aurreakordio bat lortu dute Cecobi patronalarekin, Bizkaiko merkataritza orokorraren sektorea arautuko duen hitzarmen bat izateko. %18 igoko diete soldata langileei, eta, ELAk adierazi duenez, KPIaren bilakaeraren arabera soldatak are gehiago igotzeko aukera egongo da, baina ez dute gehiago zehaztu. 5.000 langileren jarduna arautuko du itunak. Soldata igotzeaz gain, lanaldia urtean hamabi orduan murriztuko zaie, eta atzerapenengatik 900 euroko konpentsazio ordainsaria jasoko dute langileek. Horrez gain, hitzarmeneko baldintzak aplikatzen jarraituko dira horiek iraungi ostean ere, eta beste hitzarmen bat sinatu arte mantenduko dira; hau da, hitzarmeneko baldintzek ez dute mugarik izango denboran. ELA sindikatuak du gehiengo absolutua sektorean, eta adierazi du Bizkaiko merkataritzako langileek dituztela lurraldeko lan baldintza okerrenak, eta gogorarazi du azken urteetan hamalau greba egun egin dituztela itunaren negoziazioak bultzatzeko. Akordioarekin «aurrerapenak» lortu direla uste badu ere, ELArentzat, oraindik hobekuntzak egin behar dira, langileen erosahalmenaren galera eragozteko: «Oso sektore heterogeneoa da, eta, arropa denden hitzarmena sinatu ondoren, indar korrelazio handiagoa lortzea zailtzen duen ordezkaritza sindikal eskasa du sektoreak», euskal sindikatuaren hitzetan. Hala, adierazi du aurreakordioa sinatuagatik ere helburua dela «hobekuntza handiagoak» lortzea, «sektorea duinduko duten soldata eta baldintza hobeak bermatzeko». Merkataritzan azpisektore batzuk daude, eta ehungintzarenean, esaterako, duela gutxi berritu zuten Bizkaian hitzarmena, %12ko soldata igoerekin.
2023-7-26
https://www.berria.eus/albisteak/231155/prebentzioaren-bidez-774000-lagun-itotzea-eragotz-daiteke-2050erako.htm
Mundua
Prebentzioaren bidez 774.000 lagun itotzea eragotz daiteke 2050erako
OMEk egindako bideragarritasun ikerketa batek ondorioztatu duenez, bi neurriren bidez lor daiteke helburu hori: urtebete eta 5 urte arteko umeentzako materiala eta zaintza hobetuta, eta 5 eta 9 urte artekoei oinarrizko igeriketa teknikak irakatsita.
Prebentzioaren bidez 774.000 lagun itotzea eragotz daiteke 2050erako. OMEk egindako bideragarritasun ikerketa batek ondorioztatu duenez, bi neurriren bidez lor daiteke helburu hori: urtebete eta 5 urte arteko umeentzako materiala eta zaintza hobetuta, eta 5 eta 9 urte artekoei oinarrizko igeriketa teknikak irakatsita.
2050erako 774.000 bizitza salba daitezke bi neurrirekin. Horixe ondorioztatu dute OME Osasunaren Munduko Erakundearen ikerketa batean. Hauek dira neurriak: urtebete eta 5 urte arteko umeentzako materiala eta zaintza hobetzea eta 5 eta 9 urte artekoek oinarrizko igeriketa teknikak ikastea. Atzo, itotzeak eragoztearen aldeko egunean, OMEk txosten bat atera zuen prebentzioan inbertitu dadin bultzatzeko. Asko dira itota hiltzen direnak, nagusiki urtebete eta 9 urte arteko haurrak, ikerketan ondorioztatu dutenez. Iaz Hego Euskal Herrian 8 pertsona hil ziren modu horretan; aurten, ekainean bakarrik, 6 pertsona ito ziren Hego Euskal Herriko hondartza eta ibaietan. OMEk egindako ikerketak argi utzi du diru sarrera ertain eta txikiko herrialdeetan itotzen dela jende gehien. Gainera, erakutsi du prebentziorako egin behar diren inbertsioak ekonomikoki onak direla luzera: inbertitutako euro bakoitzeko, bederatzi aurreztu daitezke. Hegoafrikak, Bangladeshek, Vietnamek eta Thailandiak egin dute inbertsioa jada, gazte gutxiago itotzeko eta herrialdearen osasuna, ongizatea eta garapena hobetzeko. OMEk nazioarteko akordio bat abiarazi du prebentziorako. «Bizitza asko salba ditzakegu prebentzio neurri eraginkorrei, inbertsio handiagoei eta kontzientzia hobetzeari esker», esan du OMEko zuzendari Tedros Adhanom Ghebreyesusek. Gainera, atzoko eguna dela eta, herrialdeei eta bazkideei eskatu die prebentzioa «lehentasun» izan dadila. Orain, OME beste txosten bat prestatzen ari da mundu osoko prebentzio teknikei buruz. Horrela, argi ikusiko da prebentzioaren garrantzia, eta hainbat herrialdek erabili dituzten prebentzio teknikak aztertuko dituzte. Txosten horretatik abiatuz, saiatuko dira herrialde guztientzako prebentzio plan on bat egiten, herrialde gehienek martxan jartzeko modukoa izan dadin.
2023-7-26
https://www.berria.eus/albisteak/231156/macronek-laquobarkamenean-eta-etorkizuneanraquo-oinarrituriko-itun-bat-proposatu-du-kaledonia-berrirako.htm
Mundua
Macronek «barkamenean eta etorkizunean» oinarrituriko itun bat proposatu du Kaledonia Berrirako
Frantziako presidentea Ozeaniako uhartedian izan da, eta baieztatu egin du konstituzioaren erreforma egingo dutela estatus berria jasotzeko.
Macronek «barkamenean eta etorkizunean» oinarrituriko itun bat proposatu du Kaledonia Berrirako. Frantziako presidentea Ozeaniako uhartedian izan da, eta baieztatu egin du konstituzioaren erreforma egingo dutela estatus berria jasotzeko.
Nahita edo nahi gabe, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Kaledonia Berriko hiriburuan eman duen hitzaldia uhartediaren etorkizun instituzionalari buruzko negoziazioen isla izan da. Parean, oro har, europar jatorriko herritarrak eta haien ondorengoak izan ditu, Frantziako banderak astintzen ari zirela, segurtasun agentez jositako eta erabat itxitako Kokondoen plazan; hortik kanpo, Macronengandik urrun, FLNKS Askatasun Nazionalerako Fronte Sozialista Kanakak deituta, protestan aritu dira kanakak, independentisten banderak eskuan zituztela. Egoera horretan proposatu du Frantziako presidenteak «barkamenean eta etorkizunean» oinarrituriko itun bat uhartediaren geroaz ados jartzeko. Izena ere jarri dio: «Noumeako Hitzarmena», hiru independentzia erreferendumak eta eskumen gehiagoren eskualdatzea jaso zituen 1998ko Noumeako Akordioari erreferentzia eginez. Macron duela bost urte izan zen Ozeaniako uhartedian, deskolonizazio prozesuko lehen independentzia erreferendumaren aurretik, eta orduan adierazi zuen Frantzia ez litzatekeela «hain polita» izango «Kaledonia Berria gabe». Aurtengo bisitan, berriz, esan du kolonia «frantsesa» dela, hala «izaten jarraitzea» erabaki duelako; 2018an, 2020an eta 2021ean egindako galdeketetan ezezkoak irabazi zuen, baina azken kontsultaren emaitzak eztabaida eta haserrea piztu zuen, independentistek hori boikotatzea erabaki baitzuten —abstentzioa %56,13koa izan zen—, koronabirusaren pandemia betean egitea ez zela egokia argudiatuta. Halere, Frantziako Gobernuak urteotan behin eta berriz esan du ez dutela hirugarren erreferendumik egingo beste behin, eta, harrezkero, subiranistekin eta loialistekin mintzatzen ari da Kaledonia Berriaren etorkizun instituzionalaz. Macronentzat, estatus berri hori modu bat izango da gaur jakinarazi dituen «barkamen» eta «etorkizun» ideiak biltzeko, baina orain arteko bidea ez da ona izan: ez dute hiruko bilerarik izan, eta, are, alderdi independentista guztiak ez dira joan Frantziako presidenteak hitzaldiaren aurretik deitu zuen bilkurara. Afera horretaz, Macronek agerraldian esan du «minduta» zegoela, baina, aldi berean, adierazi du «elkarrekin» adostu behar dutela uhartediaren «etorkizuneko proiektua, anbizio handiagoa duen gizarte baterako». Frantziako presidenteak, oro har, lankidetzan oinarrituriko hitzaldia eman du, eta, aldi berean, argi utzi du konstituzioa aldatuko dutela —estatus berria jasotzeko—, datorren urteko Kaledonia Berriko Kongresurako bozen hautesle errolda irekiko dutela —independentistak horren kontra daude— eta uhartediko erakunde politikoak erreformatuko dituztela. Finean, zeharkako mezu bat bidali die subiranistei: haiekin edo haiek gabe egingo duela aurrera Frantziako Gobernuak. Horrek, hortaz, agerian utzi du Macronen bisitak, ziurrenik, ez duela lagunduko egoera lasaitzen, ezta adostasunera hurbiltzen ere; eta hori kontuan harturik Frantziako presidenteak negoziazioak, adostasuna eta bide komuna irudikatzen duen estatua bat zuela atzean hitzaldia eman duenean, Jean-Marie Tjibaou independentistak eta Jacques Lafleur loialistak elkarri eskua eman ziotenekoa, 1988an, Matignongo Akordioa sinatzean. Independentistak, kritiko Frantziako presidenteak deituriko bilkuran parte hartu ez duenetako bat UC Kaledoniar Batasuna izan da, FLNKSn pisu handiena duen alderdia. Macronen hitzaldiaren aurretik, UCko presidente Daniel Goak komunikatu bat argitaratu du, eta horretan kritiko agertu da Parisekin, uste baitu uhartedia bilakatu nahi duela Indo-Pazifikorako duen estrategiaren «puntu minbera». Goaren arabera, «anbizio» horrek «hilzorian utzi du Kanakyko biztanleria», eta, are gehiago, kontuan harturik ez diola jaramonik egiten uhartediko herritarren parte handi baten iritziari: ez dutela aitortzen hirugarren independentzia erreferendumaren emaitza. Adierazpen moderatuagoa egin du Louis Mapou-k, Kaledonia Berriko gobernuburu independentistak. Frantziako presidentearen hitzaldia entzun ondoren, esan du Macronek «[Frantziako] errepublika eta Kaledonia Berria engaiatzen dituzten auzi historikoez eztabaidatzeko beharra» aipatu duela, eta horretarako «elkarrizketaren bidea» hartu duela. Hori bai, Mapou zalantzati agertu da: «Ikusi beharko dugu hori guztia nola egin dezakegun». Frantziako presidentearen asmoa da konstituzioaren erreforma 2024 hasieran egitea, Kaledonia Berriko hauteskundeak, printzipioz, maiatzean egingo baitituzte. Ikusteko dago, hortaz, independentistek zer jarrera izango duten negoziazioetan, eta, batez ere, zer eskatuko duten estatus berrirako, «subiranotasun osoa» nahi baitute. Hautesle erroldaren aferak ere talka handiak eragingo ditu, uste baitute hori «irekitzeak» pisu handiagoa emango diela europar jatorrikoei eta haien ondorengoei. Egun, hiru errolda daude —bozen araberakoak—, eta Asanblearako hauteskundeetan botoa eman ahal izateko hiru baldintza bildu zituzten Noumeako Akordioan, baina gutxienez horietako bat bete behar da; kasurako, Kaledonia Berrian bizi izana 1988 eta 1998 artean, edo 1998ko hautesle zerrenda orokorrean egotea eta bozen egunerako gutxienez hamar urtez bizitzea uhartedian. Irizpide horien ondorioz, hamarkadotan Kaledonia Berrira bizitzera joan diren herritar askok ez dute botoa emateko eskubiderik. Gehienak Frantziakoak dira, eta, boto dinamikak ikusirik, ia denek loialisten alde egingo lukete, bozkatzeko aukera izanez gero; hori saihesteko adostu zuten hautesle errolda bertan behera uztea, independentistek esan ohi duten modura, «kolonialismoa gehiago ez indartzeko».
2023-7-26
https://www.berria.eus/albisteak/231157/espainiako-konstituzioa-modernizatzeko-prest-agertu-da-eneko-andueza.htm
Politika
Espainiako Konstituzioa «modernizatzeko» prest agertu da Eneko Andueza
PSE-EEko idazkari nagusiak jakinarazi duenez, prest daude lurralde ereduaren inguruan hitz egiteko, baina konstituzioaren mugak «direnak dira», eta ez dituzte igaroko. Adierazi du PSOEk eredu federala babesten duela.
Espainiako Konstituzioa «modernizatzeko» prest agertu da Eneko Andueza. PSE-EEko idazkari nagusiak jakinarazi duenez, prest daude lurralde ereduaren inguruan hitz egiteko, baina konstituzioaren mugak «direnak dira», eta ez dituzte igaroko. Adierazi du PSOEk eredu federala babesten duela.
Alderdi sozialista Espainiako lurralde eredua moldatzeko prest dagoela adierazi du Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak Radio Euskadiko Boulevard saioan: «Alderdi sozialistak ez du arazorik lurralde ereduari buruz hitz egiteko guztiak aseko dituen eredu federal baterako bidean». Anduezak azaldutakoaren arabera, sozialistentzat eredu federala izango litzateke, egun, lurralde eredu «egokiagoa». Horretarako, Espainiako Konstituzioa aldatzeko prest agertu da Andueza: «Konstituzioak 45 urte bete ditu. Igaro da nahikoa denbora, eta modernizatzeko, berritzeko eta etorkizunera begira jartzeko garaia da». Halere, nabarmendu duenez, konstituzioaren mugak «direnak dira» eta «inoiz» ez dituzte gaindituko. Anduezak gogorarazi du alderdi sozialistak mahai gainean jarri izan duela eredu federalistaren gaia, eta gaitzetsi egin du EH Bilduk eta EAJk hartu izan duten jarrera: «Duela ez horrenbeste urte, batzorde bat osatu genuen Diputatuen Kongresuan. Hartatik alde egin zuten lehenak EAJkoak izan ziren, eta EH Bilduk iragarri zuen ez zuela parte hartuko». Anduezak adierazi du bi alderdi horiek «diskurtsoak» egiten dituztela hedabideen aurrean, baina mahaian eseri behar denean «eztabaidatik ihes» egiten dutela. Halere, PSE-EEko idazkari nagusiak uste du EAJk eta EH Bilduk Pedro Sanchezen inbestiduraren alde bozkatuko dutela; «koherenteak badira, behintzat, bai», erantsi du. Izan ere, Anduezaren hitzetan, euskal herritarrek eta kataluniarrek «bozetan esan dute PSOEk gidaturiko gobernu bat nahi dutela» eta alderdi abertzaleek «horri jaramon egin behar diote». Juntsek zein jarrera hartuko duen, ordea, ez du horren garbi, eta, PSEko buruaren arabera, Kataluniako alderdi horrek bi aukera ditu: «Hautua egin behar dute elkarrizketaren eta erakundeen arteko normaltasunaren alde egiten jarraituko duen gobernu sozialistaren edo eskuinari eta ultraeskuinari mesede egingo liokeen blokeoaren artean». Gainera, Carles Puigdemonti indultua ematea negoziatu ote daitekeen galdetuta, hau erantzun du: «Ez dut uste mahai gainean dagoenik».
2023-7-26
https://www.berria.eus/albisteak/231158/eusko-jaurlaritzak-etxebizitza-legearen-aurkako-helegitea-aurkeztu-du-auzitegi-konstituzionalean.htm
Gizartea
Eusko Jaurlaritzak Etxebizitza Legearen aurkako helegitea aurkeztu du Auzitegi Konstituzionalean
Salatu duenez, lege horrek Jaurlaritzaren eskumenak urratzen ditu. EAJk legearen aurka bozkatu zuen apirilean, onartu zutenean. Ez dute erabakia babestu PSE-EEko sailburuek.
Eusko Jaurlaritzak Etxebizitza Legearen aurkako helegitea aurkeztu du Auzitegi Konstituzionalean. Salatu duenez, lege horrek Jaurlaritzaren eskumenak urratzen ditu. EAJk legearen aurka bozkatu zuen apirilean, onartu zutenean. Ez dute erabakia babestu PSE-EEko sailburuek.
Eusko Jaurlaritzak ez du Espainiako Etxebizitza Legea indarrean nahi. Lege horren aurkako helegitea aurkeztu du Espainiako Auzitegi Konstituzionalean, argudiatuta Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren eskumenak urratzen dituela. Legearen zazpi artikuluren eta hainbat xedapenen aurka egin du Jaurlaritzak, bere zerbitzu juridikoek osatutako txosten batean oinarrituta. Espainiako Gobernuari elkarrizketa eskatu dio, «legea ulertzeko moduan» dituzten moduetan ados jartzeko. Helegitea jartzeko erabakiarekin bat ez datozela jakinarazi dute PSE-EEko hiru sailburuek, besteak beste, Iñaki Arriola Etxebizitza sailburuak. Gobernu Kontseiluaren ostean egindako agerraldian —han erabaki dute helegitea jartzea—, Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaileak esan du Madrilek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako legediak biltzen ez dituen baina haren eskumena diren gaiei dagozkien lege bat jarri duela indarrean. Horregatik, Zupiriak salatu du jokabide horrek ezarri beharreko legediaren inguruko segurtasun falta sortzen duela: «Euskadiri inposatu dizkiote autonomia erkidego honen eskumenak diren hainbat neurri». Urradurarik ez Kazetariek galdetu dioten arren, bozeramaileak ez du zehaztu PSE-EEko sailburuek zergatik ez duten erabakia babestu. Dena den, esan du gobernua osatzen duten bi alderdien arteko harremanean ez dagoela «inolako urradurarik». Gogorarazi du, gainera, Espainiako Gobernuak Jaurlaritzak onartutako hainbat legeren aurkako helegiteak aurkeztu dituela, baina bi aldeen artean elkarrizketa egon denetan lortu dituztela akordioak. Oraingoan ere gauza bera gertatzea espero duela esan du Zupiriak. Etxebizitza Saila PSE-EEren esku dago gaur egun, eta alderdiak ohar batean azaldu du Etxebizitza Legea babesten duela «euskal legeriaren testuinguruan garatzen dituen politiken errefortzu eta osagai gisa». Hala ere, sozialistek espero dute helegitea ez izatea «oztopo» legea Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatzen hasteko. Gainera, gobernukideen egiteko moduarekin kexu agertu da PSE-EE: «Administrazio bakoitzak bere interesak eta eskumenak defendatzeko eskubidea errespetatzeaz harago, uste dugu horien arteko auziak saihestu behar direla ahal den neurrian, eta interes orokorra bilatu behar dela». Aldiz, PP pozik agertu da helegitearekin. Carlos Iturgaiz PPren EAEko presidenteak uste du erabaki egokia dela helegitea jartzea, eta uste du EAJk eta PPk «elkar ulertu» dezaketela gai horretan, «Etxebizitza Legea aberrazio bat delako, Soilik baietz da baietz legea eta Memoria Demokratikoko Legea bezala». Etxebizitza Legea apirilaren 27an onartu zuen Espainiako Diputatuen Kongresuak. PSOEk eta UP Unidas Podemosek osatutako gobernuak EH Bilduren eta ERC Esquerra Republicanaren aldeko botoak baliatu zituen lege horretarako. Aurka bozkatu zuen EAJk, «eskumenetan eginiko inbasio bat» dela iritzita. Argudio bera erabili du orain. Legea maiatzaren 26an sartu zen indarrean.
2023-7-26
https://www.berria.eus/albisteak/231159/espainiako-kongresuak-krisiari-aurre-egiteko-neurrien-luzapena-onartu-du.htm
Ekonomia
Espainiako Kongresuak krisiari aurre egiteko neurrien luzapena onartu du
Espainiako Gobernuaren ohiko bazkideen aldeko botoei PPrenak batu zaizkie. Trukean Feijooren inbestiduran abstenitzeko eskatu diote PSOEri.
Espainiako Kongresuak krisiari aurre egiteko neurrien luzapena onartu du. Espainiako Gobernuaren ohiko bazkideen aldeko botoei PPrenak batu zaizkie. Trukean Feijooren inbestiduran abstenitzeko eskatu diote PSOEri.
Espainiako Diputatuen Kongresuak, Diputazio Iraunkorraren bitartez, ekainaren amaieran Espainiako Gobernuak onartutako dekretu legea onartu du gaur, krisiari aurre egiteko neurrien indarraldia urte amaierara arte luzatzeko. Espainiako Gobernuaren ohiko bazkideen babesaz gain, PPrena ere izan du, eta emandako 64 botoetatik aldeko 53 jaso ditu dekretuak, eta 11 abstenitu egin dira. Hala, hainbat elikagairen BEZaren jaitsiera, garraio publikoaren deskontuak eta garraiolarientzako erregaiaren deskontuak indarrean egongo dira 2023ko abenduaren 31ra arte. Uztailaren 23an egin ziren Espainiako hauteskunde orokorrak, eta hori dela-eta onartu da dekretua Diputazio Iraunkorrean, eta ez kongresuan; izan ere, Pedro Sanchezek gorteak desegin zituen hauteskundeak egin aurretik, eta, egoera horretan, botere legegileak martxan jarraitzeko organoa da hori. Bertan, PPk Espainiako Gobernuaren dekretuari babesa eman dio, baina Jaime Eduardo de Olano PPko diputatuak aukera aprobetxatu du PSOEri eskatzeko hauteskundeen ondoren PPren gobernu bat ez blokeatzeko: «Izan arduratsuak, jaunak, ez blokeatu gobernu baten sorrera, eta ez utzi espainiarren etorkizuna Espainiako gizartea etsaitzat dutenen eskuetan». Zer neurriri luzatu dieten indarraldia Espainiako Kongresuko Diputazio Iraunkorrak babestu berri duen dekretuaren bidez, krisiari aurre egiteko bost neurriren indarraldia abenduaren 31ra luzatu dute, baita La Palmako sumendiaren erupzioak eragindako txikizioari aurre egiteko neurriak ere. Hala, hainbat elikagairen BEZaren jaitsiera mantendu egingo da: olioek eta pastek BEZa %10etik %5era murriztua izango dute aurrerantzean ere, eta beste hainbat oinarrizko elikagaik ez dute BEZa ordaindu beharko, lehen %5 ordaintzen bazuten ere; horien artean daude azukrea, irina, fruta eta barazki freskoak... Bestalde, jabetza publikoko garraio enpresen deskontuek ere bere hartan iraungo dute. Espainiako Gobernuak deskontuaren %50 ordainduko du, eta eskumena duten erakundeek —izan udalak, foru aldundiak edo autonomia erkidegoak— deskontu hori osatzea erabaki beharko dute. Garraiolariek erregaia merkeago izango dute aurrerantzean ere. Urteko hirugarren hiruhilekoan, uztailaren 1etik irailaren 30era, litroko hamar zentimoko deskontua izango dute, eta laugarrenean, berriz, litroko bost zentimokoa. Familia zaurgarrien etxegabetzeak ere debekatuta egongo dira, autonomia erkidegoek etxebizitzaren lege berriaren artikuluak aplikatu bitartean. Horrez gain, diru laguntza publikoak jaso dituzten enpresek debekatua izango dute kaleratzeak egitea dekretuak indarrean jarraitzen duen bitartean. Dekretuaren beste neurriak Onartu berri duten dekretuak, baina, krisiari aurre egiteko neurriak baino kontu gehiago arautzen ditu, eta hori da, hain zuzen ere, gaurko saioan eztabaida gehien piztu duen kontua. Izan ere, Espainiako araudian Europako justiziak egindako gidalerroak sartu dituzte, dekretuaren lehen, bigarren eta hirugarren liburuetan xehatua. Oposizioko alderdi gehienek Espainiako Gobernuari eta, batez ere, PSOEko Felix Bolaños diputatuari leporatu diote pakete berean sartzea «gizartean eragin ona duten neurriak» eta bestelako neurriak. Mikel Legarda EAJko diputatuak adierazi du Pedro Sanchezen gobernuak hainbat gai nahastu dituela dekretu horretan, eta gehitu du jarduteko era hori ohitura bihurtu dela oraindik indarrean dagoen legealdian. «Onartzen dugu ezkutu sozial deiturikoa gobernuaren dekretu bidez onartzea, ez zegoelako horren indarraldia luzatzeko beste modurik. Hala ere, dekretuaren gainontzeko kontuak, Europako zuzenbidea edo Europako sententziak ekarri eta betetzeko adibidez, ez dugu uste dekretu lege bidez arautu behar direnik». EAJren ustez, ohiko legez tramitatu behar dira kontu horiek, Diputatuen Kongresuan eztabaidatuz: «Botere exekutiboak behin-behineko lege xedapenak egiteko duen ahalmen konstituzionala, salbuespenekoa dena, ohiko bihurtu da hamalaugarren legealdian». Hala, berez lege proiektuaren bidea jarraitu beharko luketen gaiak dekretu bidez onartzea leporatu dio jeltzaleak PSOEri, parlamentuko debatea saihesteko. Ciudadanosek, PPk eta Voxek ere gauza bera leporatu diote Espainiako Gobernuari. Zehazki, Europako Batasuneko justiziak egindako gidalerroak ondorengo aferetakoak dira: merkataritza sozietateen egiturazko aldaketak, gurasoen bizitzaren eta lanaren arteko kontziliazioa hobetzeko neurriak, sareetan egiten den «eduki terroristen» zabalpenari aurre egiteko legedia aldatzea, trafikoan eta zirkulazioan Europako Zuzenbidearen aplikatzea...
2023-7-26
https://www.berria.eus/albisteak/231160/atristainen-hirugarren-gradua-atzera-bota-du-auzitegi-nazionalak-berriz-ere.htm
Politika
Atristainen hirugarren gradua atzera bota du Auzitegi Nazionalak, berriz ere
Auzitegi Nazionaleko lehen zigor salak ebatzi du gradu progresioaren kontra, nahiz eta Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak kontrakoa adierazi zuen. Sarek «gizagabetzat» jo du auzitegiaren jarrera, eta mobilizatzeko deia egin du etziko.
Atristainen hirugarren gradua atzera bota du Auzitegi Nazionalak, berriz ere. Auzitegi Nazionaleko lehen zigor salak ebatzi du gradu progresioaren kontra, nahiz eta Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak kontrakoa adierazi zuen. Sarek «gizagabetzat» jo du auzitegiaren jarrera, eta mobilizatzeko deia egin du etziko.
Sare Herritarrak jakinarazi duenez, Espainiako Auzitegi Nazionaleko lehen zigor salak Xabier Atristain euskal presoaren hirugarren graduaren aurka ebatzi du. Plataformaren arabera, ebazpenak agerian utzi du auzitegiaren «errebantxa eta krudelkeria» jarrera. Izan ere, bigarren aldia da Atristainen hirugarren gradua atzera botatzen dutena; beste behin ere eten zuten behin-behinean. Erabaki horiek guztiak iritsi dira Estrasburgok ebatzi ostean haren aurkako epaiketa ez zela «justua» izan. Sarek dei egin die herritarrei hileko azken ostiraleko mobilizazioetan parte hartzera, eta batez ere uztailaren 28an Donostian egingo den mobilizazioan. «Auzitegi Nazionalaren eta Fiskaltzaren etengabeko jarrera oztopatzaile eta konfrontatzaileen aurrean, Xabier Atristainen eta gainerako euskal presoen aurka egiten ari diren jazarpena salatzen dugu, justizia ez baita bere boterea justiziaz erabiltzen ari», adierazi du Sarek ohar bidez. Izan ere, plataformak azaldu du «nekez» uler daitekeela ETAk bere jarduera armatuari amaiera eman eta hamabi urtera halako «zigor krudelak» ezartzea, ez dutelako bat egiten «espetxe politika humanista» batekin: «Gizagabetzat baino ezin da jo». Izan ere, Sareren arabera, azken urteetan emandako 34 gradu progresioetatik 20ri jarri die errekurtsoa fiskalak, eta, hamalau kasutan, erregresioa agindu dute epaileek. Atristainek hiru, sei eta bederatzi eguneko zenbait espetxe baimen izan ditu 2020ko urritik; orduan Euskal Herriratu zuten, Soriatik –Espainia, 230 kilometrora– Martutenera (Gipuzkoa) lekualdatuta. Hirugarren gradua, berriz, duela urtebete eman zion Eusko Jaurlaritzak lehen aldiz, Martuteneko tratamendu batzordearen oniritziarekin. Presoak hiru hilabete egin zituen hirugarren graduan, «inolako eragin negatiborik gabe». Baina, fiskaltzak progresioaren kontra jarritako errekurtsoa zela tarteko, Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak urrian agindu zuen gradu erregresioa. Atristain Martuteneko espetxera itzuli zen, baina kartzelako tratamendu batzordeak gradu progresioaren alde egin zuen berriz ere, 2022ko azaroaren 30ean. Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak aurtengo martxoaren 2an jo zuen ontzat aldaketa, baina hamar bat egun baino ez zituen egin erdiaskatasunean Atristainek. Izan ere, fiskaltzak berriz ere errekurtsoa aurkeztu zuen progresioaren kontra, eta, Auzitegi Gorenak ezarritako doktrina berria zela tarteko, behin-behinean itzuli behar izan zuen espetxera, helegitearen gainean ebatzi bitartean. Hura izan zen Gorenaren doktrina berria euskal preso bati aplikatu zitzaion lehen aldia; harekin batera, Juan Manuel Inziarterena ere eten zuten behin-behinean. Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak Atristainen hirugarren graduaren alde egin zuen, eta ontzat jo. Baina, fiskalak beste helegite bat aurkeztu zuen. Kasu horretan, Auzitegi Nazionaleko lehen zigor salan, euskal presoen egoeraren inguruko azken hitza duen epaitegian. Hark bat egin du fiskalarekin, eta, beraz, bigarren gradua berrezarri dio Atristaini. Horrek prozesua berriz hastera behartuko ditu presoa eta espetxeko tratamendu batzordea. Sareren arabera, Atristainek hirugarren graduan egoteko legezko baldintza guztiak betetzen ditu: laster beteko ditu zigorraren hiru laurdenak, ez du erantzukizun zibilik ordaindu behar, eta «egindako mina aitortzeko» eta «bakearen eta bizikidetzaren aldeko» idazki bat egina du. Gainera, zenbait espetxe baimen izan ditu; horiek ez dira betebeharrak, baina gomendagarritzat jotzen dituzte. Estrasburgori entzungor Atristain Miarritzeko (Lapurdi) komisarian aurkeztu zen 2010eko martxoan, eta Madrilera lekualdatu zuten. Auzitegi Nazionalak, baina, aske utzi zuen. Handik hilabete gutxira, irailean, atxilotu egin zuten, eta bi urte egin zituen behin-behinean preso, 2012ko irailean askatu zuten arte, epaiketa iritsi bitarte. 2013an egin zuten auzia, eta hamazazpi urteko espetxe zigorra ezarri zioten Atristaini. Atristainen kasua berezi egiten duena, baina, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak iazko urtarrilean argitaratutako ebazpena da: Espainia zigortu zuen inkomunikazio aldian abokatu bat aukeratzen ez uzteagatik, eta, beraz, prozesu «justu eta ekitatezko» bat izatea eragozteagatik. «Epaiak argi eta garbi adierazi zuen ez zela errespetatu bidezko prozesu baterako eskubidea», azaldu du Sarek. Izan ere, Atristainek inkomunikazio aldian torturak eta mehatxuak jasan izana salatu zuen. Estrasburgoko auzitegiak Espainiako Auzitegi Gorenari agindu zion Atristainen kontrako epaia berrikusteko, eta otsailean behin-behinean libre utzi zuen Auzitegi Nazionalak, Gorenak sententziaz ebatzi artean. Orduan, EH Bilduk mahai gainean jarri zuen erabakia beste dozenaka kasutan ere aplikagarria izan zitekeela, besteak beste, salatuta «inkomunikaziopean eta torturapean erauzitako» inkulpazioak eta autoinkulpazioak Auzitegi Nazionalaren jardueraren oinarrian egon direla. Kontrara, Espainiako Estatuaren Abokatutzak helegitea jarri zion Estrasburgoren epaiari, nahiz eta auzitegi hark ez zuen tramiterako onartu. Testuinguru horretan, Auzitegi Gorenak uko egin zion Estrasburgoren esana betetzeari, eta Atristainen zigorra berretsi zuen, argudiatuta bazela inkomunikazio aldiko deklarazio horiek gabe ere zigor ondorio berera ailegatzea. Hartara, preso donostiarra berriz espetxeratzeko agindu zuen: ekainaren 2an atxilotu eta espetxeratu zuen Ertzaintzak. Orduan, EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk «harridura» eta «kezka» adierazi zituzten, Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldi bateratuan. Hiru taldeek «arbitrariotzat» jo zuten Gorenaren erabakia, «ziurgabetasun juridiko sakona» eragin zuelakoan. Antzera mintzatu zen Donostiako Udala ere, hiru alderdi horiek onartutako adierazpen instituzional batean.
2023-8-12
https://www.berria.eus/albisteak/231161/zientzia-ikuskizunak-bisita-gidatuak-saioak-planetariumean-eta-errealitate-birtualeko-simulagailuak.htm
albisteak
Zientzia-ikuskizunak, bisita gidatuak, saioak planetariumean eta errealitate birtualeko simulagailuak
Udara honetan hainbat jarduera berezi eskaintzen dizkiegu Eureka zientzia museoan haurrei eta helduei, familian edo lagun artean ondo pasatzeko.
Zientzia-ikuskizunak, bisita gidatuak, saioak planetariumean eta errealitate birtualeko simulagailuak. Udara honetan hainbat jarduera berezi eskaintzen dizkiegu Eureka zientzia museoan haurrei eta helduei, familian edo lagun artean ondo pasatzeko.
Zer bisitatu Eureka zientzia museoan 8 aretok osatzen duten erakusketa iraunkorra. Animalia aretoa daukagu, publiko mota guztietarako, eta gune honetan ekosistema desberdinak eta bertan bizi diren animalia ezberdinenak ezagutzeko prestatua. Planetarium digitala ere badaukagu, askotariko karteldegia duena, familientzako eta astronomiaren zaleentzako modukoa; eguzki-sisteman bidaiak egin ahal izango ditugu, eta kupula osoan ikusi. Simulagailuak, 300 m2-ko eremu ludikoa dugu, bisitaria sentsazioz beteriko mundu batera eramaten duena. Familientzako eta gazteentzako ezin hobea da. Gure eskaintzan: MAXFLIGHT hegaldi-kabina eta errealitate birtualeko azkenengo simulagailuak. Eta ez ahaztu gure errusiar mendian ibiltzea! Jardueraz betetako programa Gure udako agendan askotariko zientzia ikuskizunak, animazioak, Animaliarako bisita gidatuak eta planetarium digitaleko proiekzioak 4 hizkuntzatan eskaintzen ditugu. Eureka! Eureka zientzia museoa publiko guztiarentzat da. Kokapena eta zerbitzuak Eureka zientzia museoa, Donostiako erdigunetik 15 minutura dago, eta ingurune natural batean kokatzen da. Museoko zerbitzuen artean jatetxea eta doako aparkalekua nabarmentzen dira. Gainera, gertu, hiriarekin lotzen duten autobusak daude: L17, L28, L31 eta L35. Eureka zientzia museoa publiko guztiarentzat da (4 urtetik gorako haurrak). Gure eskaintzaren artean museorako sarrera, planetariumerako sarrera, konbinatua, Lego tailerrak eta simulagailuen sarrerak ditugu. Kanpoko lorategietan Gipuzkoako ondare-eraikinei dagozkien maketa batzuk ikus daitezke, baita lorategi botaniko txiki bat ere. Horrez gain, haurrentzako parkea, kafetegia eta doako aparkalekua ditu. Eureka zientzia museoan familia edo lagun arteko plan batez goza dezakezu. Museoak egunero irekitzen ditu ateak, 20:00ak arte.
2023-7-26
https://www.berria.eus/albisteak/231162/gizon-bat-atxilotu-dute-gasteizen-sexu-eraso-bat-egitea-egotzita.htm
Gizartea
Gizon bat atxilotu dute Gasteizen, sexu eraso bat egitea egotzita
Erasoa Gasteizko Bremen kaleko taberna batean gertatu zen.
Gizon bat atxilotu dute Gasteizen, sexu eraso bat egitea egotzita. Erasoa Gasteizko Bremen kaleko taberna batean gertatu zen.
Gasteizko Udaltzaingoak jakinarazi duenez, 44 urteko gizonezko bat atxilotu dute, emakume bati sexu eraso bat egitea leporatuta. Erasoa atzo izan zen, 21:25 aldera, Gasteziko Bremen kaleko taberna batean. Udaltzainek dei bat jaso zuten, eta, gertaeren lekura joan zirenean, gizonarekin eta emakumearekin hitz egin zuten. Haiek esateko zutena entzundakoan, gizonezkoa atxilotzea erabaki zuten, eta sexu eraso bat egin izana egotzi zioten.
2023-7-26
https://www.berria.eus/albisteak/231163/irungo-motor-gidari-bat-hil-da-istripu-batean-nafarroan.htm
Gizartea
Irungo motor gidari bat hil da istripu batean, Nafarroan
60 urteko gizon bat da biktima. 24 orduan Nafarroan hil den bigarren motor gidaria da.
Irungo motor gidari bat hil da istripu batean, Nafarroan. 60 urteko gizon bat da biktima. 24 orduan Nafarroan hil den bigarren motor gidaria da.
Irungo 60 urteko gizon bat hil da Murillo el Cuenden (Nafarroa) izan den istripu batean: auto batek eta moto batek elkar jo dute N-121 errepideko 50. kilometroan. 11:55ak aldera iritsi da deia Nafarroako larrialdi zerbitzuetara. Suhiltzaileak, anbulantzia eta Tuterako eta Iruñeko bide segurtasuneko langileak joan dira ezbeharra gertatu den tokira. Biktima suspertzen saiatu badira ere, ez dute lortu. Gorpua Nafarroako Medikuntza Legaleko Institutura eraman dute, autopsia egiteko. Foruzaingoa zer gertatu den ikertzen ari da. 14:00etatik aurrera ireki egin dute errepidea. Nafarroan azken 24 orduetan hil den bigarren motor gidaria da. Atzo gauean, Aibarren beste istripu bat izan zen: NA-132 errepidean, motor batek auto bat jo zuen.
2023-7-26
https://www.berria.eus/albisteak/231164/golkoko-itsaslasterra-uste-baino-lehenago-eten-daitekeela-ohartarazi-dute.htm
Mundua
Golkoko itsaslasterra uste baino lehenago eten daitekeela ohartarazi dute
Itsaslasterra etengo balitz, denbora laburrean asko alda liteke munduko klima
Golkoko itsaslasterra uste baino lehenago eten daitekeela ohartarazi dute. Itsaslasterra etengo balitz, denbora laburrean asko alda liteke munduko klima
Dagoen latituderako Europari daukan tenperatura epela bermatzen dion Golkoko itsaslasterra — zientzialariek Atlantikoko iraultze meridionaleko zirkulazioa (AMOC) izenez ezagutzen dutena— uste baino lehenago eten daitekeela jakinarazi du Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa batek. Ez da zientzialariek hipotesi hori aipatu duten lehen aldia, baina ikerketa honen berritasuna da balizko kolapso horren data lehen pentsatzen zena baino askoz ere lehenagorako iragarri dutela. Izan ere, ikerketa egin dutenen arabera, 2057. urtearen inguruan gerta daiteke itsaslaster garrantzitsu horren kolapsoa. Itsaslaster horrek ekuatoreko ur epelak (pisu eta dentsitate gutxiago du) iparraldera garraiatzen ditu, itsas azaletik. Bidaia horretan, Ipar ekialdeko Amerika eta Europa mendebaldeko klima epeldu egiten du ur bero horrek. Klima aldaketaren erruz izaten ari diren Artikoko izotzen urtzeak, baina, eragina dauka itsaslaster horretan, ur gezago eta pisutsuago horrek lehen aipatutako zirkuitu horretan eragiten ari delako, arriskuan jartzeraino. Ikerketaren egileetako batek, Susanne Ditlevsenek, jakinarazi du duela 12.000 urte indartu zela itsaslaster hori, azken glaziazio aldiaren bukaeran. Azken aldian, baina, ahultzen ari da, izotzen urtzearen erruz. Gai hau ikertzen ari diren aditu gehienek uste dute Groenlandiaren izotz urtzea dela prozesu horren eragile handiena, eta atzetik doakiola Artikoko izotz geruzaren urtzea. Azken ikerketa horren egileek XIX. mendetik hasita, ipar mendebaldeko atlantikoko azalerako uren tenperaturaren bilakaera aztertu dute, eta nabarmendu dute horretan izaten ari den aldea. Datu horiekin lanketa estatistiko bat eginez, Naturen argitaratu den ikerketa horien egileek iragarri dute 2057rako gerta daitekeela, probabilitate handiz, itsaslaster horren etena. Prozesu horretan eragin dezake karbono isurketen murrizte drastiko batek bakarrik, ikertzaileen arabera. Golkoko itsaslaster hori munduko klimaren erregulatzaile nagusietako bat da, eta, hain zuzen ere, zientzialariek atzera bueltarik gabeko bederatzi puntuetako bat dela ondorioztatu dute. Hura etengo balitz, denbora laburrean asko alda liteke munduko klima, eta, adituen ustez, besteak beste, Europan tenperatura nabarmen hotzagoak nagusituko lirateke.