date
stringdate 2012-09-20 00:00:00
2023-12-01 00:00:00
| url
stringlengths 47
182
| category
stringclasses 10
values | title
stringlengths 3
140
| subtitle
stringlengths 0
1.17k
| summary
stringlengths 5
1.18k
| text
stringlengths 2
35.8k
|
|---|---|---|---|---|---|---|
2023-7-14
|
https://www.berria.eus/albisteak/230696/naturaltasun-osoz-onartu-dugu-migratzaileak-prekarioak-izatea.htm
|
Ekonomia
|
«Naturaltasun osoz onartu dugu migratzaileak prekarioak izatea»
|
Rocok azaldu duenez, langile migratu eta arrazializatuek pairatzen duten esplotazioa informazio gabezian jaiotzen da, eta enplegatzaileak haien zaurgarritasunaz baliatzen dira.
|
«Naturaltasun osoz onartu dugu migratzaileak prekarioak izatea». Rocok azaldu duenez, langile migratu eta arrazializatuek pairatzen duten esplotazioa informazio gabezian jaiotzen da, eta enplegatzaileak haien zaurgarritasunaz baliatzen dira.
|
Urtebete igaro da LAB sindikatuak X. Biltzar Nagusian Idazkaritza Antirrazista sortzea berretsi zuenetik. Bide hori «ikasketa prozesu handi» gisa deskribatu du Josefina RocoTxefi-k (Salta, Argentina, 1979). Politika Zientziak ikasitakoa da, eta aurretik etxeko langileen eremuan pilaturiko eskarmentua baliatu du beste sektore batzuetako langileei aholku emateko. Nolakoa izan da lehen urte hau? Idazkaritzaren sorrera prozesu kolektibo baten fruitua izan zen. Langile migratu eta arrazializatu gehien biltzen dituzten sektoreen azterketa batekin hasi zen, eta ikusi genuen Euskal Herriko hainbat txokotan langileen sindikalizazio eta elkartze prozesuak gauzatzen ari zirela, zeinetan langile migratuak rol erabakigarria jokatzen ari ziren. Pribatizazio prozesuek eta antzekoek lan baldintzen prekarizazioa eragiten ari ziren, eta langile migratu eta arrazializatuek gordinago pairatzen zuten. Sindikatu gisa zor kolonial bat genuen, eta idazkaritza erreminta baliagarri izateko asmoz jaio zen, baina, era berean, kide horiek sindikatuari eginiko aitortza gisa. Idazkaritza antirrazista beharrezkoa bada, lan harremanetan arrazakeria dagoen seinale. Arrazakeria kalean dago, erakundeetan eta, noski, baita lantokietan ere. Esplotazio eta diskriminazio mekanismo gisa funtzionatzen du, non patronalak eta kapitalak langile horien baldintzak baliatzen dituzten. Eta, gero, ageriko modu batean, oinarrizko lan eskubideak urratzen. Modu oso naturalean gertatzen da. Naturaltasun osoz onartu dugu langile migratuen baldintzak txarragoak izatea, alegia, prekarioak izatea. Ikuspegi hori ez dago bakarrik patronalean txertatuta, baita ohiko lan harremanetan ere. Ba al duzu adibiderik jartzerik? Kasuistika orokor bat nabarmentzea zaila da, egoerak, bizitzak eta bizipenak askotarikoak direlako. Erronka handietako bat informazio gabezia handia konpontzea da. Euskal Herrira iristean, migratzaileek eta pertsona arrazializatuek normalean ez dakite zeintzuk dituzten oinarrizko eskubideak. Maiz, uste dute enplegatzen badituzte mesede bat egiten ari zaizkiela. Informazio gabezia hori begietan jarri dieten zapi bat da, eta horri beldurra gehitu behar zaio, eta esplotatzen zaituenarekin zorretan egotearen sentsazioa. Egoera hori etxeko langileengan ikusi dugu, nekazaritza lanetan, arrantzan... Horrek oztopatu egiten du haiek euren burua eskubidedun langile gisa aldarrikatzea. Horrela zaila da kontratuan dioena eskatzea: orduak, baldintzak, soldata, atsedenak... Erakundeek eta gizarte osoak konpromisoa dugu informazio zehatza emateko, uste faltsu asko daudelako. Gero, baliabide material eta administratiboek ere asko baldintzatzen dute negoziazio ahalmena. Erroldarik edo etxerik ez baduzu, negoziatzeko ahalmena asko murrizten zaizu. Zeintzuk dira eskubide urraketa ohikoenak? Esan bezala, sektore askotan daude langile migratzaileak edo arrazializatuak. Haien presentzia bereziki nabarmena da etxeko langileen artean, egoiliar ia guztiak atzerritarrak dira, baita ere arrantzan, nekazaritza zein baso lanetan, eraikuntzan eta ostalaritzan ere. Eremu horiek guztiak lanaldi oso luzeak dituztelako nabarmentzen dira. 40 lanorduko lanaldia ez da inoiz errespetatzen, eta agerikoa da soldatekiko proportziorik eza. Joan zaitez gure hiriburuetako alde zaharretako sukaldeetara galdetzera... Xantaia ere ohikoa da: atsedenik ez, opor ordaindurik ez... lau urte oporrik gabe egon diren langileak aurkitu ditugu, etenik gabe lanean aritutakoak. Lan egiteko bizi ziren pertsonak ziren. Era berean, Atzerritarren Legearen eragina nabarmendu behar da, hiru urtez ezkutuko ekonomiara bultzatzen dituelako; baina, askotan, paperak lortzen dituen jendea ere esplotatua dago. Lan ikuskaritzaren rola ere salatuko nuke; ezer gutxi egiten du langile horien baldintzak hobetzeko. Langile migratuak sindikatura biltzea erraza al da? Nekeza da konpromiso politikoa eta sindikatuekiko atxikimendua zabaltzea lan arlo guztietan, baita baldintza hobeak dituzten bertako langileen artean ere. Indibidualismoa da gizartean dugun arazo bat. LABek dioenean mundu guztiarentzat etxe bat izan nahi duela, lortu behar du langile guztiak eroso egon daitezela hor barruan, eta prozesu kolektiboak sortzeko. Langile migratu askok beldurra dute, bakarrik sentitzen dira, eta horri aurre egiteko espazioak behar dira. Ikusi behar dute pairatzen dituzten esperientzia txarrak ez direla zorte txar kontua, patroi batzuk daudela eta ez zaiela eurei bakarrik gertatu. Esplotazioak izenak ditu, eta sektore jakin batzuetan dago. Langileak sindikatura etortzea lortu nahi bada, gauzak aldatzeko jarrera politikoa behar da, eta sindikatu gisa geure burua egokitu, ekintza sindikala birpentsatuz. Alde horretatik, etxeko langileekin eginiko lanaren garrantzia nabarmenduko nuke; baita bizikletako banatzaileekin egindakoa ere, edota Huerta de Peraltan egindakoa. Sektore batzuetan jatorriko kontratuak eskaintzen ari zaizkie migratzaileei. Bidea al da? Ostalaritzaz ari zara? Hor, jatorriko kontratuak bertako lan baldintzak okertzeko erabiltzen dira. Kontratu okerragoak dira, eta eskubide gutxiago aitortzen dituzte. Gainera, helburua ez da langilea erregularizatzea, askotan behin-behineko kontratuak direlako, eta, haiek amaitzean, jatorrira itzultzen dituzte langileak. Hala ere, enpresari elkarteek esan dute langile atzerritarren beharra areagotu egingo dela. Aurreko erantzunera noa. Kide askok esaten digute: «Gure lana legeak behartzen duen bezala ordainduko baligute, aparteko orduekin-eta, lanpostu hau desagertu egingo litzateke». Lanpostu horiek azken katebegia dira, eta, dauden moduan planteatuta, errentagarritasun handia bermatzen dute. Gero, Kontuan hartu behar da erreserba armada handia dagoela, oso esplotagarria dena.
|
2023-7-14
|
https://www.berria.eus/albisteak/230697/elak-salatu-du-basurtuko-anatomia-patologikoko-zerbitzuan-tenperatura-altuekin-lan-egiten-dutela.htm
|
Ekonomia
|
ELAk salatu du Basurtuko anatomia patologikoko zerbitzuan tenperatura altuekin lan egiten dutela
|
Sindikatuaren arabera, 35 graduraino irits daiteke tenperatura zerbitzu gunean. Berehalako neurriak hartzeko exijitu diote Osakidetzari.
|
ELAk salatu du Basurtuko anatomia patologikoko zerbitzuan tenperatura altuekin lan egiten dutela. Sindikatuaren arabera, 35 graduraino irits daiteke tenperatura zerbitzu gunean. Berehalako neurriak hartzeko exijitu diote Osakidetzari.
|
ELA sindikatuak salatu duenez, Basurtuko ospitaleko anatomia patologikoko zerbitzuan tenperatura oso altuekin lan egiten dute, eta Osakidetzak ez du neurririk hartu horri aurre egiteko. Hori salatzeko, elkarretaratzea egin dute gaur goizean ospitalearen aurrean, eta eskatu dute «lehenbailehen» hartzeko egoera konpontzeko neurriak.
Sindikatuaren arabera, gaur bezalako egun batez tenperatura 35 graduraino hel daiteke zerbitzu gunean, nahiz eta legeak baimentzen duen gehienekoa 27 gradu diren. Eta ohartarazi du, uda iristean arazoa larriagotu egiten dela, bero boladak ere maizago izaten direlako.
ELAk adierazi duenez, sindikatuak berak nahiz langileek «behin eta berriz» ohartarazi diote Osakidetzari, eta horri esker lortu zuten leihoetan binilo batzuk jartzea, prebentzio neurri gisa. Ordea, ez zieten onartu aire girotua jartzeko aukera; izan ere, Osakidetzaren arabera, instalazioak ez daude egokituta halako sistema jarri ahal izateko.
Bada, ELAk ohartarazi du lantaldearen egoera «muturrekoa» dela, eta horrek langileen osasunari eta ematen duten zerbitzuari eragiten diola. Hori horrela, egoerak gainez eginda daudela salatzeko, anatomia patologikoko zerbitzuko langileak Basurtuko ospitalearen atarian elkarretaratzea egin dute goizean. Egoera konpontzeko neurriak «lehenbailehen» hartzeko eskatzen diote Osakidetzari.
|
2023-7-14
|
https://www.berria.eus/albisteak/230698/hollywoodeko-aktoreek-grebara-deitu-dute.htm
|
Kultura
|
Hollywoodeko aktoreek grebara deitu dute
|
Hitzarmen kolektiborako negoziazioak bertan behera geratu ostean, gidoilariek maiatzean hasi zuten grebara batu dira Hollywoodeko aktoreak.
|
Hollywoodeko aktoreek grebara deitu dute. Hitzarmen kolektiborako negoziazioak bertan behera geratu ostean, gidoilariek maiatzean hasi zuten grebara batu dira Hollywoodeko aktoreak.
|
Hollywoodeko aktoreek iragarri dute behar bezalako lan baldintzak lortzeko greba hasiko dutela. Hollywoodeko Gidoilarien Sindikatuarekin batera ekingo diete protestei lehen aldiz 63 urteetan, eta horrek zinema industria geldiarazteko arriskua ekarriko du. Fran Drescher Aktoreen Sindikatuko presidenteak azaldu duenez, «tristea baina beharrezkoa» da hartu duten erabakia.
Adimen artifizialaren aurrean babesa jasotzea eta irabaziek online plataformetako emisioekin bat egitea dira grebalarien aldarri nagusiak. Horretarako, irudi eskubideak bermatzea eta audientzia datuak kalkulatzeko orduan gardentasuna egotea ezinbestekoa dela uste dute aktore eta gidoilariek.
Zinema estudioek eta streaming plataformek adierazi dute beren eskaerak asetzeko baliabide nahikorik ez dutela. Bob Iger Disneyko kontseiluko delegatuak, berriz, Squawk Box programan esan du grebalarien espektatibak ez direla errealistak. 7.000 langile kaleratzeko asmoa du aurten Disneyk.
Zinema denboraldia, arriskuan
Gidoilarien grebak zinema industrian kalteak eragin bazituen ere, greba bateratuak ekoizpen lanak eta proiektuen promozioak bertan behera uztera behartuko ditu ekoizleak. Horrez gain, Emmy telebistako sarien ekitaldia atzeratzeko aukera mahai gainean dute antolatzaileek; oraingoz, irailaren 18an egingo dute.
1980. urtean egin zuten aktoreek telebista pribatuen aurkako azken greba, eta hiru hilabete iraun zuen. 2007an egin zuten azkena gidoilariek; 37.000 langile kaleratu zituzten orduan, eta industriak bi milioi euroren galerak izan zituen.
|
2023-7-14
|
https://www.berria.eus/albisteak/230700/maddi-barber-izango-da-museo-bikoitza-programan-arituko-den-hurrengo-artista.htm
|
Kultura
|
Maddi Barber izango da Museo Bikoitza programan arituko den hurrengo artista
|
Zinemagileak urtebetez jardungo du Donostiako San Telmo museoan bere proiektua garatzen. Hinrich Sachs artistak aukeratu du egitasmoan lekukoa har diezaion.
|
Maddi Barber izango da Museo Bikoitza programan arituko den hurrengo artista. Zinemagileak urtebetez jardungo du Donostiako San Telmo museoan bere proiektua garatzen. Hinrich Sachs artistak aukeratu du egitasmoan lekukoa har diezaion.
|
Museo Bikoitza programan parte hartuko duen hurrengo artista gonbidatua Maddi Barber izango da. Hala iragarri dute Donostiako San Telmo museoko arduradunek eta gaur egun programaren barruan bere proiektua garatzen ari den sortzaileak, Hinrich Sachsek. Hain zuzen, programaren ezaugarrietako bat da aldi batean parte hartu duen artistak gonbidatzen duela hurrengo aldikoa. Sachsek hautatu du Barber, horrenbestez, eta hark ere urtebete emango du museoan lanean.
Barberrek (Lakabe, Nafarroa, 1988) hainbat lan eman ditu urteotan zinemagintzaren arloan, hala nola Paraíso –2021, Marina Lameirorekin batera zuzendutakoa–, Gorria (2020), Urpean lurra (2019) eta 592 metroz goiti (2018) filmak. Denek ere lotura estua dute haren sorlekuarekin, Pirinioaurreko lurraldearekin. «Etnografia esperimentalaren ikuspegitik, haren filmek interesa erakusten dute oroimenaren, lurraldearen, azpiegituraren, ekologiaren eta gizakien, eta naturaren arteko zaintza etikaren harremanean», adierazi dute programaren arduradunek. Zinema jaialdi ugaritan erakutsi ditu orain arte bere lanak; besteak beste, Donostiako Zinemaldian eta Nyon (Suitza), Santiago (Galizia), Marseilla (Okzitania), Londres, Reykjavik, Madril, Mexiko Hiria, Santiago (Txile), Jihlava (Txekia) eta Porto (Portugal) hirietako festibaletan.
Halaber, 2019an Pirenaika ekoiztetxea sortu zuen, eta bere hainbat film ez ezik, hurbileko artista eta zinemagileen lanak ere ekoitzi ditu —tartean, Gerard Ortin, Ainhoa Gutierrez eta Irati Gorostidirenak—. Pulpa artista taldeko kide ere bada, eta La Zurda sorkuntza garaikideko eta pentsamendu kritikoko gune autogestionatua abiarazi du Iruñean. Gaur egun, Donostiako Tabakalerako Ikusmira Berriak programan ere parte hartzen ari da, Claros de bosque fikziozko film luzea garatzen.
Zinemagilea pozik agertu da, eta Sachsi «asko» eskertu dio programan parte hartzera gonbidatu izana. «Proiektu ederra da; egia da erronka oso handia iruditu zitzaidala, beldurgarria ere bai, baina orain arte nire praktikan landu ditudan gaiak (memoria, lurraldea, landa eremua, aktibismoa) jorratzen jarraitzeko eta zabaltzeko aukera moduan ikusi dut proposamena».
Barberrek Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi zuen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Ikusizko Antropologiako master bat ere egin zuen Erresuma Batuan, Manchesterko Unibertsitatean. Hain zuzen, han zela osatu zuen bere lehen lanetako bat, Yours Truly (2018) film laburra —Charlotte Hoskins eta Christopher Murrayrekin batera sortu zuen—. Gogora ekarri duenez, Manchesterko Historia Naturalaren Museoan garatu zuten lan hura, hango sotoak arakatu eta «ikuslearen begiradatik zer gordetzen den» aztertzeko asmoz. «Orain, irrikaz nago jakiteko hemen ere zer gauza ezkutatzen diren, zer gauza ez dauden agerian».
Hari bat ikusten du hor bere proiektua garatzeko, baina oraindik ez daki nondik joko duen. Eta, hain zuzen, «ederra» iruditu zaio hori ere. «Interesgarriak iruditu zaizkit programak jartzen dituen baldintzak: proiektua bi zatitan banatzea, eta lehendabizi sei hilabete izatea ikertzeko. Hori berme bat iruditu zait ikerketa sakon bat egiteko, bilduma deskubritzeko eta ezagutza horretatik abiatuta zerbait proposatzeko; ez ideia batekin etortzea eta hemen jartzea, baizik eta ikerketa prozesu bat aurrera eramatea».
«Oroimen irudien» sortzaile
Sachs museoan lanean ari da gaur-gaurkoz, bere proiektua garatzen, eta hango bilduma «sakon» ezagutzeko aukera izan du. Azaldu duenez, ezagutza hori bereganatu ostean erabaki du Barber hautatzea. «Haren lanean bada xehetasun bat asko harritu nauena, eta horixe izan da hura hautatzeko arrazoi nagusietako bat: testuinguruarekin, ingurumenarekin, paisaiarekin eta lurrarekin duen harreman sakona. Haren lanetan hain presente dagoen lotura horrek gogora ekarri dit Donna Harawayren ezagutza kokatua kontzeptua, eta orain, Barberrekin tarte batez hizketan aritu ostean, baieztatu dit baietz, erreferentzia oso garrantzitsutzat daukala hori».
Bestalde, Sachsek zera ere goraipatu dio zinemagileari: filmetan «oroimen irudiak» sortzen dituela, «ez hitzetik, baizik eta sentikortasunetik». «Ziur nago, testuinguruari jartzen dion arreta berezia dela medio, altxor ezkutuak eta puntu itsuak aurkituko dituela San Telmo museoan. 2024an haren proiektuaren berri izateko irrikaz nago».
Museo Bikoitza programa
San Telmo museoak 2018an abiarazi zuen Museo Bikoitza programa, Asier Mendizabalen ideia batetik abiatuta. Aldizkako esku hartzeen programa bat da, urtero artista gonbidatu bat protagonista duena. Sortzaile bakoitzak sei hilabete ematen ditu ikertzen eta bere proposamena prestatzen, eta beste horrenbeste bere proiektua garatzen. Lan horren emaitza erakusketa programan sartzen dute gero, denbora batez, eta museoaren arte bildumara gehitu.
Halaber, proiektua jendaurrean erakusten duen urte berean, sortzaile horrek hurrengo aldiko artista hautatzeko zeregina ere badu. Seigarren parte hartzailea izango da Barber. Asier Mendizabalek gonbidatu zuen lehen artista, Ibon Aranberri. Aranberrik Erlea Maneros Zabalari eman zion lekukoa, eta hark Jose Mari Zabalari. Zabalaren ondoren, Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkum aritu ziren lanean, eta Hinrich Sachs izendatu zuten ondoren. Iragarri dute Sachsek urrian aurkeztuko dutela azken urtean garatu duen lana.
|
2023-7-14
|
https://www.berria.eus/albisteak/230701/frantziaren-besta-egunean-protestak-izaten-ari-dira-ipar-euskal-herrian.htm
|
Politika
|
Frantziaren besta egunean protestak izaten ari dira Ipar Euskal Herrian
|
Xuti Gazte kolektiboak ikurrinak ezarri ditu Frantziako administrazioen egoitzetako atarietan. U14 kolektiboak deituta manifestazio abiatu da Donibane Lohizunen.
|
Frantziaren besta egunean protestak izaten ari dira Ipar Euskal Herrian. Xuti Gazte kolektiboak ikurrinak ezarri ditu Frantziako administrazioen egoitzetako atarietan. U14 kolektiboak deituta manifestazio abiatu da Donibane Lohizunen.
|
Uztailak hamalau ditu, eta Frantziako besta egun nazionala da egun. Ipar Euskal Herrian, ordea, protesta eguna da gaurkoa: Xuti Gazte taldeko kideak goizetik ari dira ekintzak egiten. Frantziako Estatua ordezkatzen duten administrazioen egoitza aitzinetan izan dira, eta ikurrinak zintzilikatu dituzte. Baionako suprefeturan, Pirinio Atlantikoetako Departamenduak Baionan duen egoitzan, Bordeleko akademia ikuskariaren Baionako bulegoetan eta Baionako auzitegian izan dira kolektiboko gazteak.
«Besta egun arrotz hau Ipar Euskal Herriko gazteon nahiaren aurka inposatzen zaigu. Izan ere, urte osoan inposaketaz itotzen gaituen frantziar proiektua ezkutatzen da besta egun honen gibelean. Gazteon zapalkuntzan oinarritzen den eredua da Frantziarena, gure bizitzen kontura elikatzen den eredua», salatu dute gazteek prentsari igorritako agiri baten bidez. Horren aurka, hau aldarrikatu dute: «Gazte abertzale eta ezkertiar guztiok elkarrekin borrokatu behar dugu, amesten dugun Euskal Herri horretara iristeko urratsak eginez. Badakigu erronka handia dela, baina ez dugu bidea bakarrik egin nahi: lurralde, sentsibilitate eta mota guztietako gazteekin batera egin nahi dugu, gazte guztiona izanen den proiektu baten alde».
Arratsaldean, U14 kolektiboaren deia
U14 kolektiboak 18:00etan Donibane Lohizunen (Lapurdi) elkartzeko deia egin du, manifestazioa egin gogo baitute, Borrokaz aska dezagun herria lelopean. «Hau ez da Frantzia, Euskal Herria da» oihuen artean hasi da martxa jadanik. Adam makaroi saltegian tindaketa egin dute, Senperen salgai den etxe bat erosi nahi baitu jabeak. Horrez gain, arroltzeak jaurti dituzte etxe agentzietara.
Manifestazioa bere bidea egiten ari da Donibane Lohizuneko karriketan barna. «Presoak kalera, amnistia osoa» ohiuak ez dira falta. Hirian eraikitzen ari diren polizia etxe berrian «Justizia Nahelentzat» idatzi dute, Parisen Frantziako Poliziak erail duen gazteari erreparatuz. Aurrerago, Frantziako besta egun nazionalean, Frantziako banderak kendu dituzte hilen monumentutik. Ziburuko portuko egoitzaren gainean, Iraultza antolatu banderola ere erakutsi dute manifestariek. Dagoeneko, bukaerako ekitaldian dira martxazaleak, Ziburuko pilotalekuan.
Azken egunetan, kolektiboak bere gain hartu ditu bi ekintza: Ipar Euskal Herriko hainbat herritako sartzeetan frantsesezko panelak tindatu zituzten lehenik, eta, herenegun, Hendaiako (Lapurdi) turismorako tren ttipian «Turistak kanpora» idatzi zuten.
|
2023-7-16
|
https://www.berria.eus/albisteak/230702/mugako-oporrak.htm
|
Kultura
|
Mugako oporrak
|
Arrate Egaña (Errenteria, Gipuzkoa, 1963) filologia hispanikoan lizentziatu zen aurrena eta gerora euskal filologiako eta gidoigintzako ikasketak ere egin zituen. Gaztelaniaz idatzitako bi ipuin saritu zizkioten 1990eko hamarkadaren hasieran, baina gerora, euskaraz argitaratu izan du. Haur eta gazte literatura asko landu du —Printzesa puzkertia, 1999; Benetako pirata, 2001, Maritxu, 2001, Simon ipuinen munduan, 2013—, baina idatzi eta argitaratu ditu antzerkia (Egia, 2012, Alberdania), nobela (Kixmi elurpean, 2005, Elkar) eta narrazioa (Paradisua, 2012, Elkar; eta Itzalen distira, 2022, Erein). Azken hori azkeneko liburua.
|
Mugako oporrak. Arrate Egaña (Errenteria, Gipuzkoa, 1963) filologia hispanikoan lizentziatu zen aurrena eta gerora euskal filologiako eta gidoigintzako ikasketak ere egin zituen. Gaztelaniaz idatzitako bi ipuin saritu zizkioten 1990eko hamarkadaren hasieran, baina gerora, euskaraz argitaratu izan du. Haur eta gazte literatura asko landu du —Printzesa puzkertia, 1999; Benetako pirata, 2001, Maritxu, 2001, Simon ipuinen munduan, 2013—, baina idatzi eta argitaratu ditu antzerkia (Egia, 2012, Alberdania), nobela (Kixmi elurpean, 2005, Elkar) eta narrazioa (Paradisua, 2012, Elkar; eta Itzalen distira, 2022, Erein). Azken hori azkeneko liburua.
|
Nork esango! Postaz jasotako argazkian ageri dira emakume biak, eta haurtxo bat bien artean. Lortu zuten, antza.
Zoritxarreko opor haietan ezagutu genituen bi emakume haiek.
Martin squatterra zen, okupa, Londresen, zuela ia bi urte, eta koadrilako guztiek bisitatu zuten, guk izan ezik. Idoia lagun minarekin joatekoa nintzen, baina berak Xabi mutil lagunarekin egin zuen plana; han zeuden jada. Lana zela medio, beranduago abiatu nintzen ni, Xabiren arreba Elirekin batera. Ez nuen lar ezagutzen, baina pinpirin eta tentel samartzat nuen. Pentsatu nuen behin Idoiarekin elkartu ondoren baizik ez nintzela oporrak gozatzen hasiko.
Autobusez iritsi ginen Calais herrira. Eli ez zen bidaia osoan isildu; Ingalaterran estreinakoz izateak biziki hunkitzen zuela, Piccadilly Circus-en antzerkira joango zela, baita shopping ere Camden-era, mihi-mihi-mihi… Itsas-estazioa zikina bezain jendetsua zen, baina laster utziko genuen. Ferryko zurezko eserlekuetan egokitu genituen motxilak. Mendirakoa zen nirea, zaharra; Elirena, berriz, markakoa, oso dotorea. Han jarri genuen Martinentzako poltsa ere, amak eta lagunek bidalitako gauzez betea. Plana zen Doverren trena hartu eta lagunek Londresen geu jasotzea.
Arratsaldea goibeldu zuen, bero likinari eutsirik hala ere. Nekatuta geunden, ilusioz beterik ere bai, bereziki Eli. Zilarrezko itsasori begira jarri nintzen, atseden bila. Distantziak ikasturte amaiera gogorra arintzen zidan. Bi emakume beltzi erreparatu nien; aldarte seriosa sumatzen zitzaien. Batek oihalezko petatea zeraman; besteak saltoki ezagun bateko plastikozko poltsa. Haratago, gazte zaratatsu batzuk zeuden.
Ferrya utzi eta Ingalaterrako itsas-estazioan ilaran jarri ginen, pasaportea eskuan. Elik gero eta urduriago zirudien, eta nik Idoia ikusteko gero eta gogo handiagoa nuen.
Polizia batek albo batera bideratu gintuen, besoei eraginda eta aurpegira begiratu gabe, roboten antzera.
Trena galduko dugu!
Poltsak eta mugikorrak eraman zizkiguten. Orduantxe hasi zen erromeria.
Zulo karratu batera eraman ninduten, eta, gero jakin nuenez, Eli ere antzeko beste batera. Han ez zegoen deus, ez aulkirik, ez leihorik, ezer ere ez. Emakume-polizia batek arropa eranzteko agindu zidan, irmo. Zurtuta obeditu nion. Ilea altxatzeko eskatu zidan, zirrikitu guztiak miatzeko. Hankak zabaltzeko, lehor betiere. Bagina eta uzkia aztertu zizkidan, eskularru urdinez jantzitako esku hotzekin. Hatzen mugimendu zehatzak pairatu nituen. Minik ez, umiliazioa baino ez. Janzteko.
Irten nintzenean, Eli kausitu nuen. Sutsuki aipatzen zituen gure eskubideak. Besarkatu ninduen. Ez zezala negar egin, erregutu nuen isilean. Gure motxilen edukia mahai baten gainean barreiaturik ikusi genuen, polizien ekintza. Martinen poltsak zekarrena ere agerian geratu zen: arropaz gainera, kafetera txiki bat, atun eta antxoa pote pare bana. Haxix harri koskor eder bat ere azaldu zen, eta etiketarik gabeko pote bat, pilula zuriz betea.
Polizia batek gure mugikorrak aztertzen zituen; beste bik eman ziguten aurkikuntzaren berri: droga generaman poltsan.
Guk ez genekien.
Isiltzeko agindu zioten Eliri.
Ukondokada bat eman nion, ez zezala egoera okertu. Droga kantitate eskasa zenez, hura konfiskatu eta gu uhartetik botatzea erabaki zuten. Berehala sartu gintuzten Frantziara zihoan ferryan. Nahaspilaturik utzi zizkiguten poliziek gure gauzak motxiletan, eta telefonoak erabilezin, manipulazioagatik.
Nori otu zaio kaka hori Martinen poltsan sartzea, muga pasa behar genuela jakinik? Txoroa izan behar da, gero! oihu egin nuen amorruz.
Elik irribarre egin zidan; bustita zeuzkan begiak, ordea.
Ez negarrik egin, Eli, mesedez!
Beste aldera begira jarri zen. Gure ondoan, kontinentera bueltan halaber, bi emakume beltzak zeuden. Petatea zeramana, argala eta txikia, haurdun zegoen. Eli beraiekin komunikatu zen, nola edo hala, zekizkien hizkuntza guztiak erabiliz. Nik, ostera ere, itsaso axolagabeari so egin nion. Zirimiria ari zuen.
Calaisen berriro, hortaz. Jendea eta zikinkeria edonon, eta gu shock egoeran. Ezin giro aproposagoa nire alergiak pizteko. Estazioa korritu genuen, motxilak gurekin generamatzala. Lehendabiziko solairuan bankuak, komunak eta txartelak erosteko leihatila; bigarrenean, dendatxo txikiren bat eta telefono publiko bat. Elik etxera deitu zuen, nebaren telefonoa eskatzeko, azalpen urriak emanda. Lagunekin komunikatzea lortu genuenean, hurrengo egunean deitzeko eskatu ziguten, plana antolatzeko. Han egin behar genuen lo. Niri orduan blaitu zitzaizkidan begiak.
Beheko solairura jaisteko kristalezko igogailua hartu genuen. Gurekin batera gizon bi sartu ziren, ulertzen ez nuen hizkuntza batean solasean eta barrez. Irtetean, Eli aurrean paratu zitzaizkien.
Dena ulertu dizuegu, urde zikin alaenak esan zien ingeles garbian; ez guregana hurbildu, bestela salatuko zaituztegu.
Azkar batean aldendu eta galdu ziren geltokian gizonak, broma zela murduskatuz. Elik esan zidan gau hartan bertan gu bortxatzeko aukerez mintzatu zirela.
Lo egiteko txoko bat bilatzeari ekin genion. Azkura nuen besoetan eta buruan. Zorriak antzeman nizkion Eliri ilean.
Bi emakume beltzak banku baten atzealdean zeuden eserita. Beraien ondoan jarri ginen. Txikiak Amani zuen izena eta besteak Rida. Gazta-bokata bat partekatu zuten gurekin. Geltokian gora eta behera zebilen jendeak utzia zion ordurako jende izateari. Ferrya galdu zuen familia bat zegoen, drogazale bat, eskale bi, sei etorkin…, eta bortxatzaile biak. Ondoko zaborrontzitik arma gisa kristalezko botila bat hartu nuenean, Ridak eta Amanik barre egin zidaten.
Utzi hori, emakumea esan zidan Elik, kokotea hazkatzen zuela.
Nik ere barre egin nuen. Eliren adats argia mataza zikin bat zen, eta nire elastikoari kiratsa zerion.
Elik orduan ilea bildu eta azkazalak mozteko guraize txiki batzuekin mototsa ebaki zuen. Afrikarrak, harriturik, berriro hasi ziren barrez.
Erotu al zara?
Lasai, edonola ere ilea moztu behar nuen, eta horrela errazagoa izango da zorriak kentzea.
Hura bai piura bitxia. Ridak puntak kamustu zizkion, ebaketaren erradikaltasuna konpontzeko asmoz. Azkenean, beste banku baten gibelaldean kokatu ginen, ilez beterik baitzegoen aurrekoa.
Ez nuen lo handirik egin. Besoak gorritu zitzaizkidan. Hiru labezomorro ikusi nituen, eta arratoi handi bat.
Eguna argitzean, Ribak eta Amanik kanpoan zeuden dutxa publikoetara eraman gintuzten. Haratago, errefuxiatuen kanpamendua ikus zitekeen. Hainbeste behar genuen garbiketa amaitutakoan, goiko pisura igo ginen, eskaileretatik, eta janaria eta ozpina erosi genuen; ozpina, noski, buruan botatzeko. Horrek ere barregura eragin zien lagunei.
Denbora dezente daramate hauek hemen, ziur esan zidan Elik; esango nuke behin baino gehiagotan saiatu direla beste aldera pasatzen.
Auskalo.
Egun bakar bat aski izan zitzaigun estaziora moldatzeko. Bagenekien nor izan zitekeen arriskutsu eta nor lagun. Riba eta Amanirekin pasa genituen ordu guztiak, nahiz eta elkarrekin hitz askorik egin ez. Eli ere normalean baino isilago zebilen. Xabik eta Idoiak hurrengo egunean etorriko zirela esan ziguten; beraz, beste gau bat pasatuko genuen han.
Lo egiteko prestatzen ari ginenean, garbitzaileak etorri ziren. Geltokia desinfektatu behar zutenez, irteteko eskatu ziguten. Inork ez zien kasurik egin, guk ere ez. Apatiak jota geunden, besteak bezala.
Gau hartan lo gehiago egin nuen, nahiz eta aurreko gaueko arratoia ikusi, eta labezomorroak, eta zilarrezko arraintxo nazkagarriren bat. Biharamun goizean, laurok dutxatu, gosaldu eta berriro ikuskatu genuen geltokia. Familiak ferrya hartu zuen, bi gizon arriskutsuek ere ospa egin zuten eta etorkin gehiago azaldu ziren. Eguerdi partean, poliziak irtenarazi gintuen. Erresistentzia pixka bat egon zen arren, kanpoan ginen minutu batzuen buruan, bero kiskalgarriaren pean.
Talde bitan banandu gintuzten: batean dokumentazioa genuenok, gainerakoak bestean. Geltokia gainetik garbitzeko aprobetxatu eta berriro sartzeko agindu ziguten dokumentatuoi. Besteak errefuxiatuen kanpamendura eramango zituzten. Riba, Amani eta beren aldekoak kexaka hasi ziren. Eli eta biok haiengana jo genuen, gurera ekartzeko asmoz, baina poliziak ziztuan bideratu zituen agiribako guztiak furgoneta batera. Elik bere motxila Ribari bota zion, polizien hesiaren gainetik.
Zertan zabiltza? -esan nion- Hor duzu dena!
Ez da larria!
Joder, bai zera pinpirina, ninja hutsa zen Eli! Mugikorra eta dokumentazioa hartu ondoren, nire motxila ere lagunei bota nien, eta berehala desagertu zitzaizkigun bistatik.
Oso bakarrik geratu ginen geltokian, diru barik, alderrai, eskalea bezala, edo heltzen ari ziren etorkinak bezala. Arratsaldean, goseak hiltzear ginen. Txokolatina bat lapurtu genuen. Xabi eta Idoia azaldu zirenean, pizza handi bat erosi ziguten.
Zer gertatu zaizue? galdetu zigun Idoiak. Ia ez zaituztet ezagutu.
Ez genekien nondik hasi edo zer kontatu. Auto alokatuan sartu eta Parisera hartu genuen, Londres beste baterako utzirik.
Hemendik aurrera, oporrak!
Elik eta biok baietz egin genuen buruaz. Idoiak gure emozio falta kritikatu zuen.
Tontotuta zaudete…
Urruti sentitu nuen laguna.
Ia urte bete ondoren jaso nuen postala. Nire motxilan nire helbidea zuen dokumenturen bat geratuko zen. Eta, negar pixka bat egin ondoren, Eliri deitu nion.
|
2023-7-14
|
https://www.berria.eus/albisteak/230704/hego-euskal-herrian-262086-lagunek-eskatu-dute-posta-bidezko-botoa.htm
|
Politika
|
Hego Euskal Herrian 262.086 lagunek eskatu dute posta bidezko botoa
|
Aurrez bozkatzeko eskaera egin dutenek uztailaren 16ra bitarte jasoko dituzte boto paperak, eta hilaren 20ra arteko epea izango dute horiek aurkezteko.
|
Hego Euskal Herrian 262.086 lagunek eskatu dute posta bidezko botoa. Aurrez bozkatzeko eskaera egin dutenek uztailaren 16ra bitarte jasoko dituzte boto paperak, eta hilaren 20ra arteko epea izango dute horiek aurkezteko.
|
Atzo amaitu zen uztailaren 23ko bozetarako posta bidezko botoa eskatzeko epea, eta, Correosek emandako datuen arabera, Hego Euskal Herrian 262.086 lagunek egin dute eskaera: 236.101k posta zerbitzuaren bulegoetan, eta gainerako 25.985k telematikoki.
Lurraldez lurralde erreparatuz gero, Bizkaian egin dute eskaera gehien: denera, 126.188. Gipuzkoan 57.559 eskaera zenbatu dituzte, Nafarroan 47.411, eta Araban 30.928. Estatuan, berriz, 2,6 milioi eskaera egin direla azaldu du Correosek, 2019ko apirileko bozetan baino %94,7 gehiago.
Correos uztailaren 3an hasi zen boto paperak entregatzen eskaera egindako herritarrei, eta lan hori egingo du hilaren 16ra bitarte. Herritarrek, berriz, uztailaren 20ra arteko tartea izango dute botoa Correosen egoitza batean aurkezteko.
Postariek gutxienez bi saiakera egingo dituzte eskaera egin duenaren etxebizitzan edo hark adierazitako helbidean. Boto paperak eskura ematea lortzen ez bada, berriz, abisu bat utziko diete herritarrei, Correosen bulegora bila joateko adieraziz. Une horretan, nortasun agiria, pasaportea edo norbanakoa identifikatzeko beste dokumenturen bat erakutsi beharko da, botoa jasotzen duena eskaera egin duen herritar bera dela egiaztatzeko. Gauza bera egin beharko da botoa ematerakoan ere. Boto paperak jasotzera edo entregatzera joan ezin dutenek, berriz, baimen bat sinatu beharko dute beste norbait joan dadin, eta eskatzailea identifikatzeko dokumentuaren fotokopia bat eta botoa entregatuko duenaren beste bat aurkeztu behar dira.
Correosek adierazi du beharrezko neurri guztiak hartu dituela erakundeari «hauteskunde prozesuan ezarritako betebeharrak» betetzeko. Besteak beste, 1.584 langile kontratatu ditu Hego Euskal Herrian, prozesuan laguntzeko. Era berean, bulegoetako ordutegiak luzatu ditu, eta asteburuetan ere irekiko ditu zenbait bulego.
|
2023-7-14
|
https://www.berria.eus/albisteak/230705/gasteizek-hondamendi-eremu-izendatzeko-eskatu-du-joan-den-asteko-txingorragatik.htm
|
Gizartea
|
Gasteizek hondamendi eremu izendatzeko eskatu du, joan den asteko txingorragatik
|
Eskaera onartzeak dituen zailtasunak aurreikusita, Maider Etxeberria alkateak «zuhurrak» eta «errealistak» izateko eskatu die herritarrei.
|
Gasteizek hondamendi eremu izendatzeko eskatu du, joan den asteko txingorragatik. Eskaera onartzeak dituen zailtasunak aurreikusita, Maider Etxeberria alkateak «zuhurrak» eta «errealistak» izateko eskatu die herritarrei.
|
Joan den astean Arabako hiriburuan izandako txingor ekaitza dela eta, Gasteizko Udalak hondamendi eremu izendatzeko eskatu du gaur. Maider Etxeberria Gasteizko alkateak adierazi du «zaila dela» Espainiako Gobernuak eskaerari erantzutea; izan ere, 2009ko ekaitzaren ondoren ez zuten hondamendi izendatzerik lortu. Legez, izendapen hori lortzeko, hondamendiak «herritarren bizi baldintzak larritu» edota «funtsezko zerbitzu publiko batzuk gelditu» behar ditu. Horren harira, «zuhurrak» eta «errealistak» izateko eskatu die herritarrei.
Alkateak azaldu duenez, txingor eta euri ekaitzak «kalte ugari» eragin zituen Arabako hiriburuko eraikinetan eta ibilgailuetan, uholdeak eta ur putzu handiak sortzeaz gain. Udalaren arabera, 1,8 milioi euroko kostua izango du uztailaren 6an eroritako txingorraren kalteak konpontzeak. Datu horrek ez du barne hartzen zuhaiztiari eragindako kaltea, ezta hiriko argiztapenari egindakoa ere.
Kalteak izandako udal eraikinak konpontzeko lanak «ahalik eta azkarren» egingo dituztela iragarri du Etxeberriak. Tartean daude gizarte etxeak, ikastetxeak eta kiroldegiak. Erabiltzaileen profilaren eta zentroek eskaintzen duten zerbitzuaren arabera erabakiko dute zeintzuk konpondu lehenengo.
|
2023-7-14
|
https://www.berria.eus/albisteak/230706/rebordinos-voxek-faxismoa-irudikatzen-du-kulturak-ez-du-isildu-behar.htm
|
Politika
|
Rebordinos: «Voxek faxismoa irudikatzen du»; «kulturak ez du isildu behar»
|
Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendariak Vox alderdiaren aurka egin du, azken asteetan Espainian antzerki eta film batzuk zentsuratu dituztela eta.
|
Rebordinos: «Voxek faxismoa irudikatzen du»; «kulturak ez du isildu behar». Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendariak Vox alderdiaren aurka egin du, azken asteetan Espainian antzerki eta film batzuk zentsuratu dituztela eta.
|
Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendariak gaur Madrilen aldarrikatu du «Voxek faxismoa irudikatzen» duela. «Kultur mundutik, ezin naiz isildu», adierazi du. Adierazpen horiek Zinemaldiko «Espainiako ekoizpenak» aurkezteko ekitaldian esan ditu. Azken asteetan, hainbat kultur obra zentsuratzen ari da Vox Espainian, maiatzeko hauteskundeetan izandako emaitzei esker lortu duen botere kuotari esker.
Zinemaldiko zuzendariak mezu argi bat zabaldu du: «Zinemaldia aukera guztientzat egongo da irekita, alderdi kontserbadoreenetik aurrerakoienera». Hala ere, argi utzi du Vox ez dela talde horretan sartzen: «Hau guztion etxea da, baina ez herritarren eskubideak aitortzen ez dituztenena». Ekintza politiko guztientzako topalekua dela ere esan du, besteak eta besteen ideiak onartzen diren bitartean.
Alderdi politiko guztietako lagunak dituela esan du, baina ez duela «faxismoa» onartuko. «Ez dugu inoiz alderdi politiko baten alde egin, eta ez dugu orain egingo. Baina, oraintxe, geldi ez egotera behartzen gaituen gauza berri bat dago: faxismoa tokia hartzen ari da erakunde demokratikoetan, eta lehen aldiz Espainiako Gobernuan parte hartu dezake. Eskuin muturraren indartzearen aurrean isilik ez gelditzeko beharra daukagu».
Azken hilabeteetan, hainbat pelikula eta antzerki zentsuratu dituzte alderdi ultraeskuindarrak dauden autonomia eta udaletan. Artes Libres plataformak salatu du etekin politikoa ateratzeko zentsuratu dituztela.
|
2023-7-14
|
https://www.berria.eus/albisteak/230707/landarbaso-abesbatzak-baliko-grand-prixean-hartuko-du-parte.htm
|
Kultura
|
Landarbaso Abesbatzak Baliko Grand Prixean hartuko du parte
|
Errenteriako koruak mundu mailako bi lehiaketatan parte hartuko du: II. Asia Grand Prix Final delakoan eta Baliko Nazioarteko Koru Jaialdian
|
Landarbaso Abesbatzak Baliko Grand Prixean hartuko du parte. Errenteriako koruak mundu mailako bi lehiaketatan parte hartuko du: II. Asia Grand Prix Final delakoan eta Baliko Nazioarteko Koru Jaialdian
|
«Euskal Herria abesten duen herria da». Landarbaso abesbatzako zuzendaria den Iñaki Tolaretxipik argi dauka Euskal Herriak asko duela eskaintzeko nazioarteko abesbatzen lehiaketetan. Hori erakusteko, Balira (Indonesia) joango da Errenteriako abesbatza (Gipuzkoa), uztailaren 22an, mundu mailako bi lehiaketatan aritzera: II. Asia Grand Prix Final izenekoa eta Baliko Nazioarteko Koru jaialdia. Ez da abesbatzak Bali bisitatzen duen lehen aldia: 2019an, 108 abesbatzak hartu zuten parte Baliko Nazioarteko VIII. Koru Jaialdian, eta Landarbasok irabazi zuen. Hala lortu zuen aurtengo Asia Grand Prixaren finalean aritzeko aukera.
«Asiako Grand Prixa gure emanaldirik garrantzitsuena da», azaldu du Tolaretxipik. «Ez gara inoiz honetarako bezainbeste prestatu». Nazioarteko hemeretzi sari dauzka Landarbasok, baina lehen aldia da Europako koru bat final horretan dagoena, eta Europako ordezkari izatea «ohorea» dela aitortu du zuzendariak. Filipenetako, Indonesiako, Taiwango eta Malaysiako abesbatzekin batera arituko da Landarbaso finalean, eta, lehen saria eskuratuko balu, kontinente arteko Grand Prix bat irabazten duen lehen euskal abesbatza izango litzateke. Esan dutenez, horrek izugarrizko eragina izango luke taldearen ospean, eta baita euskal musikaren eta kulturaren hedapenean ere. «Gure kultura eta gure lurraldea mundura zabaltzeko agenterik handienetariko bat da Landarbaso», adierazi du Goizane Alvarezek, Gipuzkoako Kultura diputatuak. «Ez dago etorkizunik gaztetxoen erreferenteak lantzen ez baditugu, eta Landarbaso erreferente bikaina da».
Finalean lehiatuko den Landarbasoko taldeak 38 abeslari izango ditu. «Maila handiko» programa bat prestatu duten arren, erronka handia dute: bost obra kantatu behar dituzte, hogei minutuko tartean, geldialdirik egin gabe. Horretarako, folklorean ospe handia duten bi pieza aurkeztuko dituzte, besteak beste: Jesus Guridiren Akerra ikusi degu eta Javier Bustoren Ametsetan. Adierazi dutenez, badute lehen sarira nola gerturatu: Jekabs Jancevskis konpositore letoniarraren Atsalums pieza kantatuz; izan ere, oso obra konplexua da, musika konposizio aldetik eta horrek eskatzen duen ahots gaitasunarengatik. Gogotsu badago ere, Tolaretxipik taldearen kezka azaldu du: 30 orduko bidaia batetik deskantsatzeko 24 ordu baino gutxiago izango ditu taldeak. Hala ere, alde positiboa irribarrez adierazi du: «Talde exotikoa izango gara, beste guztiak asiarrak baitira». Aurtengo Grand Prixeko finala uztailaren 25ean izango da, eta, Landarbasorekin batera, abesbatza hauek hartuko dute parte: Bosco Makati-Boscorale eta Far Estern University (Filipinak), PSM Swara Wadhana (Indonesia), Tamkang Fluxingers (Taiwan) eta Men’s Chorus (Malaysia).
2019an irabazi zuen Landarbasok Baliko Nazioarteko Koru jaialdia, eta hala lortu zuen Grand Prixean aritzeko aukera. Aurtengo aldiari dagokionez, hiru kategoriatan lehiatuko da korua: folklorean, abesbatza mistoetan eta erlijio musikan. Aurtengo lehiakideen inguruan gutxi jakin nahi izan du taldeak: «Nahiago dugu gure lana egin, beste ezerk eragin gabe», azaldu du Tolaretxipik. Hala ere, aitortu du Indonesiakoak «oso onak» direla: «Nahiko arerio gogorrak dira Indonesiakoak, eta gero, filipinarrak. Filipinak izugarrizko eskola dira».
Abesbatzak eskertu egin du bidaia hori egin ahal izateko diputazioak eman dion laguntza: «Asko aurreztu dugu, baina bidaia oso garestia da. Diputaziokoek ulertu dute momentu historiko bat dela».
|
2023-7-14
|
https://www.berria.eus/albisteak/230708/atxilotu-egin-dute-ustez-olloki-eta-altzuza-artean-sua-piztu-duena.htm
|
Gizartea
|
Atxilotu egin dute ustez Olloki eta Altzuza artean sua piztu duena
|
Baso suteen kontrako emerjentzia plan berezia jarri dute indarrean.
|
Atxilotu egin dute ustez Olloki eta Altzuza artean sua piztu duena. Baso suteen kontrako emerjentzia plan berezia jarri dute indarrean.
|
Baso sute handi bat piztu da gaur arratsaldean Olloki eta Altzuza artean (Nafarroa). Foruzaingoak sutea ustez piztu duen pertsona atxilotu du Ollokin, Twitter bidez jakinarazi duenez. Ingurumena Babesteko Ikerketa Brigadako taldea arduratu da atxiloketa horretaz.
Suaren ondorioz, Ollokiko etxebizitza batzuk, hipika bat eta txakurren egoitza bat hustu behar izan dute. Sua 14:30ak aldera piztu da, eta haize bortitzak iparralderantz bultzatu du. Zereal soro bat eta pinudi bat daude sutan.
SOS Nafarroak bere Twitter kontuan jakinarazi duenez, Helitransportada Brigada bat (BHIF), 2 helikoptero eta karga hegazkina ere mobilizatu dituzte. Baso suteen kontrako emerjentzia plan berezia jarri dute indarrean.
|
2023-7-14
|
https://www.berria.eus/albisteak/230709/kwiatkowski-izan-da-nagusi-grand-colombierren.htm
|
Kirola
|
Kwiatkowski izan da nagusi Grand Colombierren
|
Poloniarrak ihesean irabazi du Tourreko hamahirugarren etapa. Pogacarrek bukaeran egin du eraso, eta beste zortzi segundo kendu dizkio Vingegaardi. Bilbaok atzerapena izan du, eta zazpigarren dago orain nagusian
|
Kwiatkowski izan da nagusi Grand Colombierren. Poloniarrak ihesean irabazi du Tourreko hamahirugarren etapa. Pogacarrek bukaeran egin du eraso, eta beste zortzi segundo kendu dizkio Vingegaardi. Bilbaok atzerapena izan du, eta zazpigarren dago orain nagusian
|
Maila handiko txirrindularia izaten jarraitzen du Michal Kwiatkowskik (Ineos). Ez da garai batean bezain irabazlea, baina garaipen handiak lortzeko gauza da oraindik ere, gaur Tourrean erakutsi duen bezala. Ihesaldiko indartsuena izan da, eta hautagaien oldarraldi berantiarrari tinko eutsi dio Grand Colombierren. Mendate horretan zegoen helmuga, eta Tadej Pogacar (UAE) Jonas Vingegaard (Jumbo) baino lau segundo lehenago helmugaratu da. Hirugarren izan denez, lau segundoko gainsaria hartu du esloveniarrak, eta bederatzi segundo eskasera du orain lidertza. Pello Bilbaok (Bahrain) ezin izan dio eutsi onenen erritmoari, eta bi postu egin du atzera sailkapen nagusian: zazpigarren ageri da orain, 5.25eko atzerapenarekin.
Helmuga Grand Colombierren zegoen arren, etapa ezin zitekeen menditsutzat jo. Izan ere, ez dute beste mendate puntuagarririk igo 138 kilometroko ibilbide laburrean. Tarteko esprinta igoera leun baten ondoren zegoen, baina gainontzean, ziklistak ordekan aritu dira bukaerako mendatearen magalera iritsi arte. Faboritoentzako eguna zen, eta onenak prest ziren mendate entzutetsuan etapa irabazten saiatzeko. Nolanahi, hogei txirrindularik aurrera egin dute etapako lehen kilometroetan, ihesean ustekabeko garaipena lortu nahian. Hala izan da azkenean, eta Kwiatkowskik lortu du saria. Bigarren garaipena du Tourrean. Bigarren Maxim Van Gils (Lotto) izan da, 47 segundora, eta Pogacarrek 50 segundoko atzerapena izan du. Bilbao 17. izan da etapan, 1.45era.
Ibilbidea laua zen gehienbat, eta horrek mesede egiten zion ihesaldiari. Izan ere, maila oneko ziklista astun asko elkartu dira: kasurako, Matej Mohoric (Bahrain), Kasper Asgreen (Soudal), Jasper Stuyven (Lidl), Alberto Bettiol (Education) eta Nelson Oliveira (Movistar). Haien lanaz baliatu eta maldan gora ihesaldia errematatzeko prest zegoen Kwiatkowski, Van Gils, Harold Tejada (Astana), Quentin Pacher (Groupama) eta James Shawrekin (Education) batera.
Gertutik zaindu nahi izan ditu UAE taldeak. Hasieratik aginte makila hartu dute Pogacarren taldekideek, buruzagiak azken mendatean bere legea ezar zezan. Errentak nekez egin du gora: hasiera batean, ozta-ozta gainditu du bi minutuko langa. Handitzera egin du ondoren, tarteko helmugatik igaro eta gero. Tropelekoek kontrolpean zuten egoera, eta balazta sakatu dute bukaerako mendatera bidean. Hori horrela, 3.50eko abantailarekin iritsi dira iheslariak Colombierrera.
Berehala hasi dira mokoka. Pacherrekin egin du lehen erasoa, helmugarako 16 kilometroren faltan. Gero, harrapatu eta gainditu egin dute Shawk, Van Gilsek eta Tejadak. Kwiatkowski ez zen aparte, eta aurrekoengana iritsi bezain pronto, hautsi egin du lasterketa. 12 kilometro luze gelditzen ziren, eta erritmoa bizituz joan dira onenen multzoan. Ordea, nekez hurbildu zaizkio poloniarrari.
Adam Yatesek (UAE) zuhaitza astindu du, eta eutsi egin diote hautagai nagusi gehienek; ez, ordea, Bilbaok. Pogacarrek bukaerara arte itxaron du, eta esprintean gurpiletik atera du Vingegaard. Ziurrenik, faboritoen artean borroka handiagoa ikusiko da bihar, Annemasse eta Morzine artean jokatuko den etapan. Lehen mailako hiru mendate igoko dituzte, eta maila bereziko bat: Joux Plane. Mendate hori igo, eta maldan behera egingo dituzte azken 12 kilometroak.
|
2023-7-15
|
https://www.berria.eus/albisteak/230742/agurrak-ez-dira-errazak-izaten.htm
|
Bizigiro
|
Agurrak ez dira errazak izaten
|
Milaka lagun bildu dira bart gauean Iruñeko Udaletxe plazan, 'Gaixoa ni' abestuz sanferminei agurra emateko. Iruindarrak-eta hurrengo urtekoei begira dira dagoeneko.
|
Agurrak ez dira errazak izaten. Milaka lagun bildu dira bart gauean Iruñeko Udaletxe plazan, 'Gaixoa ni' abestuz sanferminei agurra emateko. Iruindarrak-eta hurrengo urtekoei begira dira dagoeneko.
|
Gauerdi gorria Iruñeko Udaletxe plazan. Gorri, esku zapidun eta kandeladunak goian izan dituzte-eta bart milaka lagunek. Gaixoa ni ahotan zutela amaiera eman zioten iruindarrek aurtengo sanferminei, baita hurrengo urtekoen atzerako kontaketari hasiera eman ere. Agurrak ez baitira errazak izaten. Ezin adio esan San Fermini, eta hurrengora arte esan zioten plaza mukuru bete zutenek. Hurrengora arte horrek badu iraupenik: 357 egun. Atzerako kontu hori zerora helduta, berriro izango dira bueltan zapi gorriak, kamiseta zuriak —eta, fundamentudunak fundamentudun, praka zuriak ere bai—.
Amaitu dira uztailaren 6ko 12:00etan hasi ziren jaiak, Luis Sabalza Osasunako presidentearen txupinazoarekin ekin ziotenak. Etengabeko 204 ordu izan dira bart gauerdira arte. Etengabeak, inoiz baino jende gehiago izan delako hiriburuko kaleetan, jaien agurrean Cristina Ibarrola Iruñeko alkateak udaletxeko balkoitik azaldu zuen bezala.
Zapi gorriak gordetzeko eguna gaurkoa, eta lixiba ateratzekoa. Gordeta beharko dute arropek heldu den uztailaren 6a bitarte. Zenbat geratzen den? Ordura arte norbaitek zalantzarik badu: gutxiago, gero eta gutxiago.
|
2023-7-18
|
https://www.berria.eus/albisteak/230743/pasioak-mugitzen-nauelako-moldatzen-naiz-hain-ongi.htm
|
albisteak
|
«Pasioak mugitzen nauelako moldatzen naiz hain ongi»
|
Gonzalo Bartolome Tierra (Bilbo, 1978) 'Yhabril Moro' da 'outdoor' argazkilaritzaren munduan. Hark egina da 'X-Man' argazkia, aurtengo Mendi Film zinemaldiko irudi nagusia. CVCE Photo argazkilaritza lehiaketan irabazi du sari hori. Haren argazkiak tamaina handian erakutsiko dira abenduan Bilboko metroan, XVI. BBK Mendi Film Bilbo Bizkaia jaialdian.
|
«Pasioak mugitzen nauelako moldatzen naiz hain ongi». Gonzalo Bartolome Tierra (Bilbo, 1978) 'Yhabril Moro' da 'outdoor' argazkilaritzaren munduan. Hark egina da 'X-Man' argazkia, aurtengo Mendi Film zinemaldiko irudi nagusia. CVCE Photo argazkilaritza lehiaketan irabazi du sari hori. Haren argazkiak tamaina handian erakutsiko dira abenduan Bilboko metroan, XVI. BBK Mendi Film Bilbo Bizkaia jaialdian.
|
Argazkilaria ez ezik mendizalea, mendiko snowboarderra ere bada Yhabril Moro. Duela hiru urte, Villanuara (Huesca, Pirinioak) bizitzera joatea erabaki zuen, eta erabakiarekin bete-betean asmatu duela sentitzen du: «lan eztanda» izan zen.
Mendi Filmeko irudi nagusi izateko hautatua izan da zure argazkia. Horren bila zenbiltzan aspaldion, eta lortu duzu.
Bai, CVCE Photo lehiaketan sari hori sortu zenetik, duela zazpi urte. Denbora horretan, nire ibilbidea lehiaketa horrekin parez pare garatu da. Nire lehen sari nagusietakoa bertan irabazi nuen, 2016ko bigarren saria. Eta garai hartan sortu zitzaidan argazkilari onenen pare egoteko grina hori. Horraino heltzea kasualitatea izan daiteke; zailena, ordea, mantentzea da. Horregatik, Mendi Filmeko kartelaren irudia CVCE Photoren bidez saritzen hasi zenean, helburu hori lortzeko behar nuen puzzlearen azken pieza aurkitzea bezala izan zen niretzat. Hau nire ogibidea da, zorte handia dut horretan, eta, ia egunero aritzen naizenez argazkiak ateratzen, oso artxibo zabala dut. Maiz kexatu egiten naiz lehiaketaren batera argazkiren bat aurkezteko asmoa izan eta hainbesteren artean hautatu behar izaten dudanean; gaizki pasatzen dut, eta aste oso bat behar izaten dut erabakitzeko. Kontrakoa litzateke txarra, non aukeratu ez izatea. Baina esandakoa: hainbesteren artean hautatu behar horretan gaizki pasatzen dut, eta Mendi Filmerako egin behar denean, are okerrago. Horizontalean nahiz bertikalean balekoa izan behar du, marketako logoak ez daitezela nabarmendu, arreta ematen duen argazkia izan behar du… Eta horrek guztiak are zailago egiten du hautaketa. Argazkiak ateratzera joaten naizen aldiro, kontuan hartzen ditut baldintza horiek guztiak.
Nolakoa izan zen 'X-Man' argazki saioa?
Ordesako Sorrosal ur jauzian egina dago, Torlatik gertu. Ibilgailua utzi eta oinez, batere zailtasunik gabe, hiru minutuan heldu daiteke edonor bertara. Horretan dago argazki honen balioa: hain ezaguna eta hurbila den toki bati txispa nola atera asmatzean. Oso toki turistikoa da, zirku txiki bat, eremu murritza. Eredu bezala erabiltzen dut, erakusteko posible dela uste ez den lekutik indar handiko 10-15 bat argazki sortzea. Arratsalde hartan egindako argazki bikainez betetako karpeta bat daukat. Patxadaz lan eginez lortzen da hori, tokira iritsi eta hura aztertzeko denbora hartuz, bertako giroan murgilduz. Udazkeneko egun ilun eta heze bat zen, eta, ingurumari hartan paseatzen nenbilela, berehala arreta piztu zidan konposizio hark: ur jauziaren zuritasuna asko nabarmentzen zen hondo horren gainean eta X formako harri testura horien lehen planoan. Chano da korrikalaria; agertoki hura irudikatu ahala deitu nion, eta, ordu gutxiren buruan, saioa egitera bertaratu zen laguna.
Mendiko snowboarderra ere bada Yhabril Moro. Yhabril Moro
Outdoor eta natura argazkilaria zara, edo zabalagoa da zure lan esparrua?
Denetarik egiten duen argazkilari bat naizela uste dut, eta erraz moldatzen dena. Nire lanak oihartzun handia du outdoor, abentura, natura, fauna eta halako gaietan, eta beharbada hor kokatzen naute. Baina hastapenetan, duela hamar bat urte baino ez, surrealismoa zen nire lanaren ardatza. Hasieran, edizio surrealistak egiten nituen iPhonearekin, Photoshop erabili gabe, eta oso harro nago horretaz. Asko gustatzen zait erretratua, baita paisaia ere, ekitaldiak ere egin izan ditut… Pasioak mugitzen nauelako moldatzen naiz hain ongi. Baina egia da mendian moldatzen naizela ongien, zoragarria da. Bilbotarra naiz, eta Gorlizkoa adopzioz. Duela hiru urtera arte, urte erdi egiten nuen hondartzan, eta beste erdia mendian, eta hori oztopo bat zen niretzat. Urte osoan Villanuan (Huesca, Pirinioak) bizitzeko erabakia hartu nuen, eta lan eztanda bat izan zen, edukiak sortzeko eztanda bat. Azken hiru urteotan asko igarri dut hori; nabarmen ikusi dut hau dela nire lekua argazkigintzan aritzeko. Etxetik irten eta, minutu erdian, bidezidorrean nago, eta hori oso garrantzitsua da nire lanerako. Beraz, bai, natura argazkilaria naizela uste dut, bere osoan.
Elurretako argazkigintzan nabarmendu izan zara, baina alor gehiago ere jorratzen dituzu.
Bizilekua Pirinioetan ezarri nuenetik, mendiko kirol argazkilaritza asko egiten ari naiz, urtaro guztietan, eta, betiere, argazkigintzaz dudan ikuspegi artistikora moldatuz: boulderra, eskalada, mendiko bizikleta, mendian lasterka aritzea, eskia, snowboarda… Zorionekoa naiz, askatasun artistikoa emanaz kontratatzen nautelako sarritan. “zure lana egitea nahi dut, konfiantza osoa dut zure lanean, badakit zer egiten duzun, eta hori da nahi dudana”, esan izan didate.
Esaten duzu ez zarela eskalatzailea, ez eta alpinista ere… Baina gutxienez onartuko duzu snowboarderra bazarela. Natura argazkilari batentzat dohain mesedegarriak dira guztiak, edonola ere.
Txikitandik ezagutu dut mendia. Nire aitari beti gustatu izan zaio, eta anaia eta biok harekin maiz joaten ginen Gorbeiara, ia igandero. Ondo diozun bezala, ez naiz eskalatzailea, ezta alpinista ere, eta bai, snowboard irakasle tituluduna naiz eta hartan lan egin dut azken hamabost neguetan. Ikaragarri maite dut mendia, eta mendizale aparta ez banaiz ere, itxuraz konpontzen naiz bertan. Orduak eta orduak sartuz egokitzen zara, batean eta bestean mugitzen ikasten duzu, arriskuak aurreikusten, aztertzen, bat-bateko eguraldi aldaketen aurrean erreakzionatzen, GPS sistemak erabiltzen, badaezpadako bigarren edo hirugarren planak egiten, edota soinean zenbateko zama eraman dezakezun kalkulatzen. Entrenamendu bat ere behar da, noski, sasoi txukuna izan behar da 15-20 kilo material eraman ahal izateko. Zamaren kontuan eskuzabalegi aritzeko joera daukat, oso gaizki pasatzen baitut material faltagatik argazki eder bat egiteko aukera galduz gero. Nahiago izaten dut zamatuta joan, mando baten pare, gero zerbait behar izan eta hura ez edukitzeaz damutu baino, eta hori, batzuetan, onartu beharreko oztopo bat izan ohi da.
Argazkietan ateratzeko prest dagoen atleta asko izango duzu, seguru.
Ba, hara, argazkilari lankideek askotan esaten didate kosta egiten zaiela modeloak, atletak lortzea, eskiatzaileak batez ere, eta galdetzen didate ea nolatan lortzen ditudan nik hainbeste lagun horretarako. Bada, erantzuna oso erraza da: betidanik egin dugun zerbait denez, ohituta gaude hori egitera; ni argazkilaritzan hasi baino lehenagotik ibiltzen gara lagunok horrela, eta zorte hori dut, lagunarte hori aspaldikoa dela.
Eta zer aholkatuko zenieke pasio honi eutsi nahi diotenei, eta zugan eredu bat ikusten dutenei?
Pasioz egin dezatela lana, eta gauzak euren buruarentzat egin ditzatela. Ez dira gora egun batetik bestera iritsiko; bide hau nahiko luzea izan ohi da, nahiz aitortu behar dudan niretzat azkar samarra izan dela dena. Baina hogei edo hogeita hamar urte behar izan banitu ere, edo sekula iritsi izan ez banintz ere, ez lidake axolako; egiten dudana gustatzen zaidalako egiten dut, bete egiten nauelako. Beste kontu bat da fase desberdinak gainditu behar direla, doan lan egin, borrokatu, aipamenak jaso, zutaz barre egingo dute noizbait… Baina egiten duzun horretan konfiantza baduzu, hori beti egongo da hor. Eta argazkilari profesional bihurtu ote zaitezkeen pentsatzeko unea iristen denean, hartu erabakia. Hori gomendatuko nuke nik, gauzak norberarentzat egitea, eta jauzi hori noiz egin daitekeen antzematea. Eta gai ez zarela ikusten baduzu, ez du axola: beste gauza batzuei ekin, eta argazkilaritzaz gozatzen jarraitu ezazu, pasioz, bizitza osoan.
|
2023-7-15
|
https://www.berria.eus/albisteak/230744/osasun-arloko-murrizketak-bertan-behera-uzteko-eskatu-dute.htm
|
Gizartea
|
Osasun arloko «murrizketak» bertan behera uzteko eskatu dute
|
Amara Berriko osasun zentroaren parean, Donostian, elkarretaratze bat egin dute gaur eguerdian; azken hilabeteotan gordindu diren arazoez ohartarazi dute
|
Osasun arloko «murrizketak» bertan behera uzteko eskatu dute. Amara Berriko osasun zentroaren parean, Donostian, elkarretaratze bat egin dute gaur eguerdian; azken hilabeteotan gordindu diren arazoez ohartarazi dute
|
Olatu Txuria eta DOPA plataformek deituta, protesta egin dute gaur eguerdian Donostian, Amara Berriko osasun zentroaren parean, lehen arretan Osakidetzan egiten ari diren «murrizketen» kontra. Mobilizaziorako deia egiteko orduan ere adierazi zituzten hainbat datu kezkagarri, eta berritu egin dituzte gaur. Osasun profesionalen gabeziarekin lotuta daude, hein handi batean. «Ondarretako osasun zentroko arratsaldeko zortzi langileetatik bi aritu dira lanean. Donostialdeko ospitaletik kanpoko larrialdietako zentroetan, Zarautz, Donostia, Hernani eta Errenterian, sendagile askoren jardunak bete gabe geratzen dira, 429 gutxi gorabehera hiru hilabete hauetan; erizaina jartzen dute sendagilearen ordez».
Osasun profesionalen faltaren gaineko kezka aspaldikoa da lehen mailako arretan, baina, zenbait iturriren arabera, egoera bereziki gordindu da Aste Santutik hona, eta bereziki larria da etengabeko arreta guneetan. Osasun zentro horiek etenik gabeko arreta ematen dute, larrialdiei erantzuteko.
Mobilizaziora batu zaizkie Tolosaldea Osasun Publikoaren Aldeko kideak ere, pankarta batekin. Protestan, etengabeko arretako gune bateko erizain batek hartu du hitza, eta agerian utzi ditu zentro horietan eguneroko lanean dituzten zailtasunak. Sendagile faltaren ondorioz horrek propio erizainei ekartzen dizkien zailtasunak nabarmendu ditu, larrialdiei erantzuteko ere bakarrik geratzen direlako sarri askotan: «Eta guk, erizainok, legez, ezin ditugu sendagileen lanak egin».
Arazo horiei aurre egite aldera, lantaldeak «osatzeko» eskatu diete Osakidetzako arduradunei, eta «aurrez aurreko arreta» bermatzeko. «Gu kalitatezko osasungintza publikoaren alde aritu gara, eta arituko gara: murrizketarik ez».
Arazo horietako asko Osakidetzako kudeatzaileen «porrotaren» ondorioa direla adierazi du. Nabarmendu du arazoa ez dela, gainera, soilik lehen mailako arretakoa: gogoratu du Osakidetzako garbitzaileek amaitu berri dutela protestaldi luze bat, eta larrialdietako langileak ere protestan ari direla. Ikuspegi zabal horrekin ere gaiari erreparatzeko eskatu dute.
Erabiltzaile batek ere hartu du hitza. «Nire mediku eta erizainei, osasun langile guztiei, eskertzen diet ni zaintzeko beti erakutsi duten arreta hori, gogo hori». Eginkizun horretan gero eta «estuago» ikusten dituela esan du du, ordea. Irakasle erretiratua dela azaldu du, eta talaia horretatik ere mintzatu nahi izan du. «Nik ezagutu ditut murrizketa horiek guztiak nire arloan, irakaskuntzan; badakit zer den hori, eta estimatzen dut egiten duten ahalegin hori, zutik jartzekoa: 'Hemen gaude', esatekoa».
|
2023-7-15
|
https://www.berria.eus/albisteak/230745/guztion-alardea-taldeak-andreen-parte-hartzea-onetsiko-duen-konponbide-baten-alde-batzera-deitu-du.htm
|
Gizartea
|
Guztion Alardea taldeak andreen parte hartzea onetsiko duen konponbide baten alde batzera deitu du
|
Sinadurak bilduko ditu asteotan, alarde bakar eta parekide baten alde: «Zeinek sinesten du alardea bakoitzaren gustuko ospakizun ezberdinetan zatitzea konponbidea denik?».
|
Guztion Alardea taldeak andreen parte hartzea onetsiko duen konponbide baten alde batzera deitu du. Sinadurak bilduko ditu asteotan, alarde bakar eta parekide baten alde: «Zeinek sinesten du alardea bakoitzaren gustuko ospakizun ezberdinetan zatitzea konponbidea denik?».
|
Guztion Alardea taldeak deituta, asteon topaketa bat egin dute dozenaka lagunek Hondarribiko alardearen (Gipuzkoa) gatazkaren «konponbidearen alde». Toki aski seinalatuan egin zuten, Guadalupeko zelaietan. Zabala eta irekia izan zela nabarmendu dute: «sentsibilitate ideologiko eta belaunaldi anitzetako» herritarrak elkartu ziren. Konponbidea bideratze aldera, «oinarrizko» lau punturen inguruan lortu nahi dituzte atxikimenduak, eta, funtsean, andreen parte hartzea onetsiko duen konponbide bat da proposatzen dutena.
2019an abiatu zen Guztion Alardea mugimendua. Herriko hainbat gaztek jarri zuten martxan; alarde parekidearen alde daudela argi esan zuten hasieratik, eta, horren abaroan, iaz 64 andrek eskari bat egin zieten Alarde Fundazioari eta udalari: alardean parte hartu nahi zuten. Ez zuten baiezko erantzunik jaso.
Hona orain plazara atera dituzten lau puntuak. Lehena usadioak herriarentzat duen esanahi handiarekin lotuta dago: «Alardea hondarribiar guztion ondare immateriala da». Bigarrenak dio andreen eskubideak bermatu gabe ez dela lortuko inoiz auzia bideratzea: «Hondarribiko emakume bakar batek alardean modu batean zein bestean parte hartzeko nahia badu, eskubide osoa dauka». Hirugarrenak eskatzen du jaiaren antolaketa pribatuak bazter uzteko: «Ospakizunaren etorkizuna bermatzeko, alardea herriaren eskuetara itzuli behar da». Laugarrenak hitzaren alde egiten du: «Gatazka honen amaierak elkarrizketaren bidetik etorri behar du, hori baita norbanakoaren zauriak sendatzen hasteko modu bakarra».
Sinadura bilketaren harira, lagundu nahi duten pertsonek parte har dezaten, heldu den ostegunean, hilak 20, bilkura bat egingo dute. Ondoren, abuztuan zehar, herriko hainbat txokotan jarriko dira, herritarrei lau puntuak batzen dituen agiria sinatzeko aukera emateko. Agiriaren berri emateko orriak ere banatuko dituzte.
Behin sinadurak bilduta, Hondarribiko Udalari eta Alarde Fundazioari helaraziko dizkiote. Guztion Alardea taldeko kideek uste dute erakunde biek izan behar dutela jasotakoaren berri: udalak, «herriko erakunde nagusia delako»; fundazioak, berriz, alardearen «antolatzailea» delako gaur egun.
«Errazteko» asmoz
«Ekimen honen helburua konponbiderako bidea erraztea da, guztiontzat izango den benetako konponbidea», nabarmendu dute. «Izan ere, zeinek sinesten du alardea bakoitzaren gustuko ospakizun ezberdinetan zatitzea konponbidea denik? Guk ez dugu Hondarribiko gizarte kohesionatua zatitzeko inolako mugimendurik egingo».
Alarde Fundazioak andreei soldadu tokirik onartzen ez dien desfile bat antolatzen du, eta ezetz erantzun die jarrera baztertzailea aldatzeko eske guztiei. Haien jokatzeko era guztiz arbuiatu dute Guztion Alardea taldeko kideek. «Hondarribiarron gizartearen isla zen ospakizuna hankaz gora jartzen ari dira helburu bakar batekin: emakumeen parte hartzea eragoztea».
Hain justu, gatazkaren muina 1996an lehertu zen, emakumeen parte hartzearekin lotuta; lehen aldiz erabaki zuten urte hartan Irungo eta Hondarribiko hainbat andrek alardeetan sartzea. Usadio aski errotuak dira biak bi herrietan, eta kontrako mezuak ozen gailendu ziren emakumeen kontra. Ordutik, aparteko desfileak egin behar izan dituzte hautu parekidearen aldekoek: baztertuta, irain eta eraso artean usu, eta udal ordezkari nagusien babesik gabe gehienetan. Irunen, gaur oraindik, bi desfile egiten dira, eta handiena baztertzailea da. Hondarribian konpainia bakar bat da parekidea gaur egun, Jaizkibel, eta alardean onartzen ez dutenez, bere kasara desfilatu behar izaten du.
Aurten, aldaketa zantzuak badira. Batetik, Hondarribian alkate aldaketa izan dutelako. Hamarraldiak egin ditu alkatetzan EAJk, alardearen inguruko aldarri parekideei bizkarra emanda, eta aurten udal hauteskundeetan Abotsanitz izan da garaile. Talde horrek bestelako jarrera izan du beti desfile parekidearen inguruan; urtero harrera egin dio, adibidez, Jaizkibel konpainiari ere, eta, aurten, alkate gisara, keinu hori berrituko duela aurreratu du Igor Enparan alkateak. Gatazka konpontzeko urratsak egingo dituela ere adierazi du. Irunen ere lehen aldiz egin dio aurten Jose Antonio Santano alkateak harrera desfile parekideari.
Sainduaren proposamena
Eta andreek alardean izan behar duten tokiaren inguruko proposamen gehiago egin dira berriki Hondarribian. Ekainean, herriko buzoietan agiri bat zabaldu zuten. Saindua proposamena izenekoa zen; Hondarribiko dozenaka lagunek izenpetu zuten, eta beste hainbat herritarren babesa ere badutela jarri zuten. «Gatazka luze bati irtenbidea ematea proposatzen du, inplikatutako eragile guztiek eskuzabaltasunez jokatuko dutelakoan», jarri zuten. «Jarrera desberdinen arteko lotura puntua» izan daitekeelakoan, proposamen bat egin zioten Alarde Fundazioari: «Konpainia misto eta konkretu bat non emakumeek soldadu gisa parte hartzeko era izango luketen».
Aitortu dute «ahultasun formala» duela proposatu duten bideak; badakite ez diola erantzuten gizartean egun «parekidetasunari dagokionez gertatzen ari diren aldaketei», baina uste dute horixe dela proposamenaren «indarra». Honela argudiatu dute paradoxa, hitzez hitz, zabaldu zuten agirian: «Hondarribiar bakoitzak daukan alardearen idealaren zati bati amore emateko deia egiten du proposamenak».
Testuan behin eta berriz agertzen da proposamenaren asmorik behinena dela alardea «babestea». Gainerakoan, egungo eran jarraituta, «gain behera» doan etorkizun bat izan dezakeen susmoa dute. «Legeak». «Komunikabideak». «Gizartea». Pentsatzen dute horiek guztiek «zapaldu» egingo dutela alardea, egungo eran egiten jarraitzen bada: hortik kezka. «Horrela jarraituz gero, gaurko gazteak biharko kaltetuak izango dira».
|
2023-7-15
|
https://www.berria.eus/albisteak/230746/diaz-bozkatu-gehiengoarentzat-gobernatzen-dugunon-alde.htm
|
Politika
|
Diaz: «Bozkatu gehiengoarentzat gobernatzen dugunon alde»
|
Yolanda Diaz Sumarreko hautagaiak nabarmendu du «atzeraldia» litzatekeela «eskuinaren blokeak» gobernatzea
|
Diaz: «Bozkatu gehiengoarentzat gobernatzen dugunon alde». Yolanda Diaz Sumarreko hautagaiak nabarmendu du «atzeraldia» litzatekeela «eskuinaren blokeak» gobernatzea
|
Jendez bete da gaur goizean Gasteizko Alde Zaharreko Buruileria plaza. Santa Maria katedral zaharraren babespean, 800 lagunek txalo artean hartu dute Yolanda Diaz, Espainiako Gobernurako Sumarren presidentegaia. Orain arte presidenteorde izan denak lehen bisita eta printzipioz bakarra egin du Arabara, uztailaren 23ko hauteskundeen kanpainan. Haren ondoan izan dira Espainiako Gorteetarako Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hautagai nagusiak: Guillermo Presa, Lander Martinez eta Pilar Garrido, hurrenez hurren.
Hogei minutu inguru iraun du Diazen diskurtsoak. Alberto Nuñez Feijoo PPko hautagaia buru izanik «eskuinaren blokeak» gobernatzeak ekar dezakeen «atzeraldiaz» mintzatu da behin eta berriz. Vox alderdiko hautagaiari ere egin dio aipamena zuzenean: «Ez dugu nahi Santiago Abascal gobernuko presidenteordea izatea». Horren aurrean, alternatiba eraginkor bakar bezala aurkeztu du Sumar: «Bozkatu gehiengoarentzat gobernatzen dugunon alde, bozkatu Sumarren alde».
Espainia estatu plurinazional bat dela argituz hasi du hitzaldia Diazek: «Erabaki denak Madrildik pasatuko ez diren herrialde bat». Horregatik, «beste hizkuntza batzuetan hitz egin daitekeen herrialde bat» eraikiko duela ziurtatu du.
Horren ondoren, gogortuz joan da diskurtsoaren tonua. Koalizio gobernuan dagoenetik «lortu» duten guztia goraipatu du lehenbizi. «Uste duzue gu gobernuan ez bageunde gutxieneko soldata %47 igoko zela?». Lan Ministerioak bultzatu zuen lan erreforma defendatu du, adibidez. «Espainia bipartidistan egin diren 52 lan erreformak norabide berean joan dira: langileei eskubideak lapurtu dizkiete».
«Beldur barik»
Beldurra nagusitu beharrean ausardia nagusitu behar dela uste du Diazek. Horregatik, jendeak «itxaropenez eta beldur barik» bozkatzea eskatu du. Haren hitzetan, hori da garaipenaren giltza: «Sumar kanpaina honen pizgarria da, eta pixkanaka hazten ari da. Langileak mobilizatzen badira, irabaz dezakegu».
Adierazi du Sumarrek gehiengoak ordezkatzen dituela, eta PPk, berriz, «oligopolio elektrikoaren eta banku handien babesa» duela. «Energia enpresa handiek Feijooren aldeko botoa eskatzen badute, zuen eskubideen aurka egiten dutelako eskatzen dute», esan du. Gainera, hainbat enpresaren artean izan dituzten 19.000 milioi euroren irabaziak salatu ditu: «Ez da nahikoa energia berriztagarriaren alde egitea; oligopolio energetikoan ere demokrazia nahi dugu».
Diazek badaki ezohiko hauteskunde batzuk direla, eta hala helarazi die plazan zeudenei. «Datorren hamarkada izango dugu jokoan. Irabaz dezakegu. Sinets dezazuela eskatzen dizuet. Zuen esku dago. Ez da egia haien kontakizuna».
«Boto baliagarriaren» eske
Diazek baino lehen, Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko hautagaiek hartu dute hitza. Sumarren alde bozkatzea «boto erabilgarri bakarra» dela nabarmendu dute hirurek. Baina, Diazek ez bezala, hiru hautagaiek EH Bildu eta EAJ ere aipatu dituzte beren diskurtsoetan. Adibidez, Presak esan du hanka sartzea dela datozen hauteskundeetan ezkerreko botoa EH Bilduri ematea: «Arnaldo Otegik ezkerreko botoa bere hautagaitzan biltzeko deia egin zuen. Argi hitz egin dezagun: akatsa iruditzen zaigu. EH Bilduk goia jo du, eta ez ditu bi eserleku lortuko Araban. Eserlekua lortzeko behar diren botoak gainditzen dituzten boto guztiek ez dute balioko Sumarrentzat ez badira».
Hiru herrialdeetako biztanleen «boto aurrerakoia» eskatu dute hautagaiek.
|
2023-7-15
|
https://www.berria.eus/albisteak/230747/eskuina-geratzera-deitu-du-eh-bilduk-egin-en-itxiera-gogoan.htm
|
Politika
|
«Eskuina geratzera» deitu du EH Bilduk, ‘Egin’-en itxiera gogoan
|
Koalizio abertzaleak esan du adierazpen askatasunaren aurkako erasoak ez direla «gauza berria» Euskal Herrian. EAJk, berriz, Espainiako armadaren lurretan etxebizitzak eraikitzeko lortu duen akordioa azpimarratu du, Donostiako Loiolako kuartelen aurrean.
|
«Eskuina geratzera» deitu du EH Bilduk, ‘Egin’-en itxiera gogoan. Koalizio abertzaleak esan du adierazpen askatasunaren aurkako erasoak ez direla «gauza berria» Euskal Herrian. EAJk, berriz, Espainiako armadaren lurretan etxebizitzak eraikitzeko lortu duen akordioa azpimarratu du, Donostiako Loiolako kuartelen aurrean.
|
Egin egunkariaren itxierak 25 urte bete dituen honetan, EH Bilduk Hernanin (Gipuzkoa) egin du bere ekitaldi politikoa gaur, Egin-en egoitza izan zenaren aurrean. Gogoratu du Euskal Herrian ez direla «berriak edo aspaldikoak» orain hitzetik hortzera dabiltzan adierazpen askatasunaren aurkako erasoak. Egin-en itxierari erreparatu dio modu horretan EH Bilduren Senaturako Gipuzkoako zerrendaburu Gorka Elejabarrietak, alboan zuela Mertxe Aizpurua, Kongresurako zerrendaburu eta Egin-eko kazetari ohia.
Koalizioaren hautagaiak gogora ekarri du itxiera horren ondoren «lan komun izugarria» egin zela Egin-ek utzitako zuloa estaltzeko, eta, orain, berriz, uztailaren 23ko hauteskundeetan, «auzolan handi bat» eskatu die herritarrei, «euskal ezker subiranista indartzeko eta oinarrizko eskubideak urratu nahi dituztenak geratzeko».
Elejabarrietak helarazi du zentsura ez dela ezinbestean «zuri-beltzean eta garai frankistan» bilatu behar, «gaur egungo kontua» dela, PP-Vox gobernuei erreparatuz. «Tamalez, euskal herritarrentzat, ez da berria eta ez da aspaldikoa, gure herriak hori bera pairatu baitu azken hamarkadetan, estatu horren eskutik». Zentsura eta esku gogor hori da PPk eta Voxek daramatena beren «benetako programetan», EH Bilduko hautagaiaren arabera.
Hala, Elejabarrietak gogora ekarri du 25 urte joan direla «Espainiako injustiziak» Egin itxi zuenetik, «Poliziak errotatiba geratu eta kazetariak atxilotu zituenetik». Itxiera hori «adierazpen askatasunarenaren aurkako eraso larria» izan zela azpimarratu du, eta erantsi inor gutxik pentsa dezakeela orain «PPk gidatutako Polizia muntaiaren pareko zerbait gertatzea berriro». Abisu egin du, ordea: «Madrildik datorren haizeak ekar ditzake eraso gehiago demokraziaren aurka».
Halaber, Josu Muguruza gogoratu du Elejabarrietak: «Egin-eko kazetaria zen, eta Madrilen hil zuten Kongresuko diputatuaren akta jaso berritan». Eta zendu berri den Jabier Salutregirentzat ere izan ditu hitz batzuk, Egin egunkariko zuzendari izan zenarentzat: «Egunkari bat zuzentzeagatik espetxeratu zuten, eta preso eduki zuten zigorraren azken egunera arte».
Hori guztia gertatu arren, «herri hau zutitu» egin zen «beti egin duen bezala», EH Bilduko hautagaiak esplikatu duenez: «Auzolan handi batek proiektu berri bat argitu zuen, isilarazi nahi izan zituztenei hitza itzultzeko, herritik herriarentzat». Uztailaren 23ko bozetan botoa EH Bilduri emanez auzolan hori berriz egitera deitu ditu herritarrak.
EAJ, Loiolako kuarteletan
EAJk Donostiako Loiolako kuartelen aurrean egin du ekitaldia, Espainiako armadaren lurretan etxebizitzak eraikitzeko EAJk lotu duen akordioa gogoratzeko. Voxeko diputatugai Ivan Espinosa de los Monterosek lur horiez «ahazteko» ohartarazi dio Aitor Estebani asteon, TVEn egindako eztabaidan, baina EAJko Kongresurako Bizkaiko zerrendaburuak berretsi du kuarteletan 1.500tik gora etxebizitza eraikitzea ahalbidetuko duela 2020an PSOErekin egindako akordioak. «Gaur egun ez du inongo zentzurik hiri erdian kuartel bat izateak, eta donostiarrek etxebizitzak behar dituzte: espazio militarraren ordez, zibilak behar ditugu", esan du Estebanek.
Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburu jeltzale Maribel Vaquerorekin batera, Estebanek «lorpen historiko» hori azpimarratu du. Maiatzean ezagutarazi zen Donostiako Udalarekiko salerosketa akordioa, eta haren garapenerako pausoak ematen dabiltza. «Negoziazio gogorra izan zen; ondo dakigu hori Goia alkateak eta biok, baina gu ur tantaren zigorra bezalakoak gara euskal hiritargoaren bizimodua hobetzeaz ari garenean», esan du hautagai jeltzaleak.
«Hau zen hiriaren puzzlean falta zen zatia», erantsi du: «Hauxe da gure egiteko modua, eta horrek bereizten gaitu zalaparta handiz lege bat onartu dutela diotenengandik», jarraitu du, EH Bilduri eta Etxebizitza Legeari erreparatuz. «Lege hori, alokairuen prezioa jaitsi ez, eta nahi denaren kontrako efektua eragiten ari da Donostian, non etxebizitzen heren bat merkatutik desagertu den», azaldu du Estebanek.
PSE-EE Irunen
PSE-EE AHTra begira jarri da, Irunen (Gipuzkoa). Eneko Andueza idazkari nagusiak esan du «Espainiari eta Euskadiri» beti joan zaiela «ondo» Madrilen PSOEko presidente bat egon denean, «adibidez AHTarekin aurrera egiteko». PPri exijitu dio «egia erdiekin eta gezur osoekin eztabaida politikoa sutan jartzeari uzteko». Herritarrei, berriz, Anduezak eskatu die «ez alferrik galtzeko botoa beste abentura batzuetan», eta PP-Vox Moncloara iristea galarazi nahi badute, PSOEren alde bozkatzeko.
Rafaela Romero PSE-EEren Gipuzkoako Kongresurako zerrendaburuak erantsi du PSOE dela «politika ona egiten duena, zerbitzu sozialak babestuz, eta eskubide unibertsalak denen eskura jarrita».
|
2023-7-15
|
https://www.berria.eus/albisteak/230748/arraun-lagunak-irabazle-bilboko-erlojupekoan.htm
|
Kirola
|
Arraun Lagunak irabazle, Bilboko erlojupekoan
|
Hirugarren aldiz irabazi du jarraian Bilboko bandera, eremu horretan bikain moldatzen dela erakutsiz. Bigarren Donostiarra izan da hiru segundora, eta hirugarren Orio seira.
|
Arraun Lagunak irabazle, Bilboko erlojupekoan. Hirugarren aldiz irabazi du jarraian Bilboko bandera, eremu horretan bikain moldatzen dela erakutsiz. Bigarren Donostiarra izan da hiru segundora, eta hirugarren Orio seira.
|
Hiru irabazle desberdin izan ziren denboraldiko lehen hiru estropadetan Euskotren Ligan. Gaur, ordea, ontzi batek balantza bere aldera mugitu du, bigarren bandera irabaziz. Arraun Lagunak izan da ontzi hori. Izan ere, Andrea Astudillok gidatzen duen taldea izan da azkarrena Bilboko erlojupeko estropadan, eta sailkapeneko berdintasuna puskatu du jarraian bigarren bandera irabaziz. 29 punturekin jarri da sailkapeneko goialdean, eta liga irabazteko hautagai sendoa dela frogatu du. Eremu horretan bikain moldatzen dela erakutsi du beste behin, hirugarrenez jarraian nagusitu baita Bilboko itsasadarrean.
Lau kaleko ohiko formatuak, beste itxura bat izan du gaur. Kale bakarreko erlojupekora moldatu dute, eta irteera ordena sailkapen nagusiko ordenaren alderantzizkoa izan da. Sailkapeneko lau traineru apalenek eman diote hasiera lehiari: Tiranek, Cabok, Hibaikak eta Hondarribiak, hurrenez hurren. Haize aldaketa sumatu da hasieratik, baina ez du eragin handia izan estropadaren nondik norakoan. Lehen erreferentzian, Hondarribia iritsi denerako, segundo bana ateratzen zizkion Cabori eta Hibaikari. Sendo hasi dute estropada Ama Guadalupekoa ontziko arraunlariek, baina ziabogan Hibaikak egin du denborarik onena, aurkariei segundo bateko tartea sartuz. Itzulian dena eman dute hiru taldeek, baina Hondarribia eta Hibaika gailendu dira, eta bien arteko lehia izango zela erakutsi dute. Denbora berean izan dira momentu luzez, eta gehienez segundo bateko tartea eman du erlojuak baten edo bestearen alde. Azken estropadetako egoera berbera errepikatu da, eta azkenean Hondarribiak irabazi du txanda, 73 ehuneneko tartearekin Hibaikarekiko. Cabo sei segundora iritsi da, eta Tiran izan da helmugaratzen azkena lehen txanda horretan, hogeira.
Ohorezko txanda zeuden begirada guztiak. Bertatik atera dira denboraldiko hiru banderen irabazleak: Arraun Lagunak, Donostiarra eta Orio. Tolosaldea ere atera da haiekin, bandera lortu ez arren. 19 punturekin Oriorekin eta Donostiarrarekin berdinduta zegoen sailkapenean. Ziztu bizian eman dute hasiera lau traineruek. Erreferentziek alde txikia markatzen zuten lehen metroetan, baina ziabogan ikusi dira haien arteko tarteak. Ziabogatik azkarren irten dena Arraun Lagunak izan da, 5:09ko denborarekin, baina Donostiarra ere gertu ibili da, segundo batera besterik ez. Orio ere borroka horretan egon da, bi segundora iritsi baita. Tolosaldea, ordea, urrunago geratu da, zortzira. Helmugarako bidea ertzetik egin dute traineru guztiek, bazter-bazterretik, denbora onena markatzeko ideiarekin. Ababorrera edo istriborrera alda zezaketen norabidea erabakigarria zen. Azkenean, erritmoa gogortu egin du Arraun Lagunak-ek, eta garaipena lortu du, 10:24ko kronoarekin. Ohorezko txandako bigarrena Donostiarra izan da hiru segundora, hirugarren Orio seira, eta laugarren Tolosaldea hogeira.
Gauzak horrela gaurko estropadako lehen lauak Arraun Lagunak, Donostiarra, Orio eta Hondarribia izan dira. Gauzak horrela, lau ontzi horiek irtengo dira bihar ohorezko txandan Orioko estropadan. Hondarribiarrak lehen aldiz arituko dira txanda horretan sasoi honetan.
|
2023-7-15
|
https://www.berria.eus/albisteak/230749/carlos-rodriguez-irabazle-pogacar-eta-vingegaard-oso-paretsu.htm
|
Kirola
|
Carlos Rodriguez irabazle; Pogacar eta Vingegaard, oso paretsu
|
Ineosekoak harrapatu eta gainditu egin ditu Pogacar eta Vingegaard azken jaitsieran. Danimarkarrak segundo batean handitu du lidertza, gainsariak harramazkatuta. Bilbaok postu bat galdu du, eta zortzigarren da orain
|
Carlos Rodriguez irabazle; Pogacar eta Vingegaard, oso paretsu. Ineosekoak harrapatu eta gainditu egin ditu Pogacar eta Vingegaard azken jaitsieran. Danimarkarrak segundo batean handitu du lidertza, gainsariak harramazkatuta. Bilbaok postu bat galdu du, eta zortzigarren da orain
|
Ikusgarria izateko osagai guztiak zituen Tourreko hamalaugarren etapak, eta txirrindulariek ez dute hutsik egin. Lehia txinpartatsua izan dute, eta amaieran, eztanda egin du faboritoen arteko borrokak. Tadej Pogacarrek (UAE) eta Jonas Vingegaardek (Jumbo) aurkari guztien gainetik eta elkarren pare daudela berretsi dute Joux Planeko mendatean. Eta lasterketako hirugarren ziklistarik indartsuena, oraintxe bertan, Carlos Rodriguez (Ineos) da. Maldan gora ezin izan dio eutsi bi faborito handien joari, baina haiek elkarri begira geratu direnez, harrapatu egin ditu jaitsieran, eta atzean utzi. Hala, espainiarra iritsi dan aurrena Morzineko helmugara. Etapa irabazteaz gain, sailkapeneko hirugarren postura igo da Rodriguez, Jain Hindleyri (Bora) aurrea hartuta.
Bigarren Pogacar izan da, eta hirugarren Vingegaard. Halere, danimarkarrak segundo bat atera dio esloveniarrari, Joux Planen esprinta irabazi eta gainsaririk handiena lortuta. Hori horrela, eutsi egin dio lidergoari, eta Pogacar hamar segundora du orain. Pello Bilbao (Bahrain), bere aldetik, zortzigarren izan da etapan, 3.19ra, eta postu bat egin du atzera sailkapenean: zortzigarrena da orain, 3.13ra. Sepp Kussek (Jumbo) aurrea hartu dio. Vingegaarden babesleak hamargarren postutik seigarrenera egin du salto.
Hasiera makurra izan du etapak: oso eroriko jendetsua izan da, eta lasterketa gelditzea erabaki dute antolatzaileek. Oraindik sortu gabe zegoen ihesaldia, eta ia talde guztiek izan dute txirrindulariren bat lurrean. Zentzuzko erabakia izan da. Faboritoen artean, Hindley eta Tom Pidcock (Ineos) erori dira, eta Ion Izagirrek (Cofidis) eta Omar Frailek (Ineos) ere ezin izan diote eutsi orekari. Kaltetutako txirrindulariak jantzi urratuekin eta gorputza mailatuta itzuli dira zain zituzten tropeleko kideengana. Ordu laurdeneko etenaldiaren ondoren, Morzinera bidean jarri dira berriro.
152 kilometroko etapa izan da, ez luzeegia, baina oso malkartsua: lehen mailako hiru mendate igo behar zituzten, Cou, Feu eta Ramaz, eta amaieran, maila bereziko Joux Plane. Gora eta behera, eta abaila batean aritu dira txirrindulariak. Erritmoa oso bizia izan da hasieratik, Jumbok oso bizkor eraman baitu tropela. Ihesaldiak minutu bateko aldea izan du asko jota. Maila handiko jendea elkartu da aurrean, baina garondoan nabaritu dute beti multzo nagusikoen arnasa.
Cou gainera hogei txirrindulari iritsi dira lasterketa buruan. Euskal herritarrak ziren horietatik hiru: Mikel Landa (Bahrain), Alex Aranburu eta Gorka Izagirre (Movistar). Alde eginda ibili dira ere Thibaut Pinot (Groupama), Giulio Ciccone (Lidl), Guillaume Martin (Cofidis), Daniel Felipe Martinez (Ineos) eta Krists Neilands eta Michael Woods (Israel). Tropela gainean izanik, erasoka hasi dira Feuko maldetan. Suhar jokatu dute Pinotek, Cicconek eta Woodsek, eta adi ibili dira Landa eta Aranburu.
Ramaz zen hurrengo mendatea, eta 11 ziklista elkartu dira hara bidean. Hiru euskal herritarrek aurrean jarraitzen zuten. Alabaina, Jumbok ez zuen galga sakatzeko inolako asmorik, eta iheslarien abentura ezerezean utzi du Ramazen. Cicconek iraun du gehien: 58 kilometroren faltan harrapatu dute. Erritmo itogarria ipini dute Vingegaarden ezkutariek, eta atzean gelditu da Tom Pidcock (Ineos), sailkapeneko zortzigarrena. Tontorrera hamasei ziklista besterik iritsi dira faboritoen multzoan.
Joux Planen hankaz gora jarri dute lasterketa. Mokoka aritu dira Pogacar eta Vingegaarden taldekideak, indartsuena nor izango. Kussen estutua gehiegizkoa izna da Hindleyrentzat, eta Adam Yatesen (UAE) erreleboari Pogacarrek eta Vingegaardek eutsi diote soilik. Esloveniarrak tontorrerako 3,7 kilometroren faltan egin du eraso, eta tarte txiki bat zabaldu du, bost segundo eskasekoa. Bi kilometroko borroka biziaren ondoren, harrapatu egin du Vingegaardek, eta irabazi egin dio pankartapeko esprinta. Pogacar erasoa aurreratzen saiatu da, baina bidea itxi diote motorrek.
Elkarren arteko zaintzan jarri dute arreta, eta Rodriguezek tximista bezala aurreratu ditu jaitsieran. Erakustaldia egin du hark maldan behera, eta horri esker, estreinako garaipena lortu Tourrean. Hautagaiek ez dute atseden hartzeko tarte handirik izango, mendiko beste etapa handi bat jokatuko baita bihar. Helmuga lehen mailako Saint-Gervais Mont-Blancen egongo da, eta aurrez beste lau mendate igoko dituzte.<
|
2023-7-15
|
https://www.berria.eus/albisteak/230750/bandera-eta-lidergoa-eskuratu-ditu-hondarribiak.htm
|
Kirola
|
Bandera eta lidergoa eskuratu ditu Hondarribiak
|
Denboraldiko lehen garaipena lortu du Ama Guadalupekoa-k, eta sailkapenaren lehen postuan jarri da. Bigarren Zierbena izan da, eta hirugarren Urdaibai.
|
Bandera eta lidergoa eskuratu ditu Hondarribiak. Denboraldiko lehen garaipena lortu du Ama Guadalupekoa-k, eta sailkapenaren lehen postuan jarri da. Bigarren Zierbena izan da, eta hirugarren Urdaibai.
|
Hondarribiak irabazi du Bilboko XIV. Bandera, erlojupeko formatuan, eta lider jarri da Eusko Label Ligako sailkapen nagusian. Gipuzkoarrak izan dira uretan sartu diren azken-aurrekoak, eta denborarik onena egin dute estropada 19 minutu eta 26 segundotan amaituta. Zierbena izan da bigarren, eta Urdaibai hirugarren.
Hasiera lehen txandako lau traineruek eman dute: Meirak, Santurtzik, Ondarroak eta Kaikuk. Ondarroak markatu du erreferentzia onena lehen ziabogan, baina Santurtziri eta Kaikurekiri denbora tartea txikia sartuz. Meira izan da lehiatik kanpo geratu den lehen ontzia, eta urrun izan da estropada igarotzean. Azkenean Kaikuk ezarri du lehen txandako denbora onena, 19.56. Lehen ziabogan hirugarren izanda ere, bigarren zati ona osatu dute Sestaokoek, eta lehen txandan maila onena ematen ari den traineru dela ziurtatu dute. Bigarren Santurtzi izan da lau segundora, hirugarren Ondarroa zortzira, eta azkenik Meira, 35era.
Bigarren txandak lehia bizia utzi du. Isuntzak eman dio hasiera, eta erreferentziek markatu duten moduan, txandako ahulena izan da saio osan zehar. Hala ere ez da urrun izan, eta lehen txandako denborak hobetu ditu. Lehen ziabogan hiru segundo kendu dizkio lehen txandako denbora onenari. Ondoren Orio iritsi da balizara, eta hiru segundo kendu dizkio Isuntzari, baina ez da denbora azkarrena izan, Donostiarrak lau kendu baitizkio. Lan erdiak eginda, argi zegoena zera izan da: txanda irabazteko lehia oso estua izango zela. Eta halaxe izan da. Oriok denbora galdu du ziabogan, eta Donostiarrak hiru segundo sartu dizkio. Cabo atzean zen, zazpira. Donostiarrak bideratuta zuen garaipena, baina dena estutu egin da azken luzean. Donostiarra lehen postuan zen, Oriori hiru segunduko, eta Cabori seiko aldea sartuta. Gorderik zituen indarrak atera ditu Cabok, eta Mirotz-en mailan jarri da. Lanak amaitzen lehena Isuntza izan da, 19.55ko denbora ezarrita. Denbora horrek Kaikuren aurretik jarri du. Orio izan da hurrena, 19.43ko denborarekin. Donostiarra bukatzear zen, eta erlojuak lehen postuan jartzen zuen arren, oso alde gutxirekin lortu du garaipena, bi ehunenekorengatik. Azkenik Cabo, segundo batera.
Azken traineru horien maila ikusita, bistakoa zen ohorezko txandak erabakiko zuela Bilboko banderaren garailea. Baldintzak kaskartu egingo zirelako susmoa zegoen, baina azkenean ez da korronteen eragina asko nabaritu, ezta ere haizearena. Denboraldi hasiera sendoa egin duen Getaria hasi da lehenik, baina denen ezusterako, lehen ziabogan denbora makala egin du. Jada bigarren txandako Donostiarra, Orio, eta Caboren atzetik zen Esperantza trainerua. Urdaibai etorri da ondoren, eta Donostiarraren denbora hobetu du segundo batean. Hondarribiak ordea,, beste bat atera dio Bou Bizkaia-ri, eta Zierbenak hiru. Momentu horretan ikusi da eguneko maniobrarik esanguratsuena. Balizari bira eman, eta Zierbenako ontzia ziztu bizian atera da, ia ibai ertzaren aurka. Ondoren errepikatu egin duten taktika izan da, baina ez die askorako balio izan Zierbenako araunlariei. Lan erditan zirela, Urdaibai atzean geratzen hasi da, eta Hondarribiak sei segundoko aldea hartu dio. Zierbena, ordea, ez zebilen hain urruti, eta segundo bateko aldearekin argi geratu da bien arteko kontua izango zela.
Azken ziabogan, Hondarribiak hamar segundo atera dizkio Urdaibairi, eta lau Zierbenari. Azken luzean erabakiko zen estropada eta lidergoa. Getariak amaitu du, 19:59ko denborarekin, eta bederatzigarren postuan geratu da. Urdaibai iritsi da ondoren, lehengo urtearen antzera, bere maila onena erakutsi gabe. Estutu behar izan dute hirugarren postua eskuratzeko, eta azken luze ederki gauzatu dute. Ama Guadalupekoan zeuden begirada guztiak. Ez dute erritmoa jaitsi, eta 19:26ko denbora ezarri dute, eguneko onena. Azken luzean, Zierbena sei segundora zen, beraz, bazirudien epaia emanda zegoela. Ostera, ez da horrela izan, eta asko hurbildu dira Hondarribiaren denborara. Azkenean bi segundora amaitu dute, eta garaipena berdeentzat izan da. Maila dotorea erakutsi du Hondarribiak, eta liga hasieratik izan uten erregulartasuna azalean geratu da. Estropada bikaina egin dute Mikel Orbañanosenek, eta denboraldiko laugarren taldea da bandera irabazten.
|
2023-7-17
|
https://www.berria.eus/albisteak/230773/adin-txikiko-bat-hil-da-barakaldon-gertaturiko-sute-batean.htm
|
Gizartea
|
Adin txikiko bat hil da Barakaldon gertaturiko sute batean
|
Bi pertsona erietxean daude oraindik. Udalak dolu eguna ezarri du, eta bertan behera utzi ditu Karmengo jaiak.
|
Adin txikiko bat hil da Barakaldon gertaturiko sute batean. Bi pertsona erietxean daude oraindik. Udalak dolu eguna ezarri du, eta bertan behera utzi ditu Karmengo jaiak.
|
Igandeko goizaldeko 03:00ak aldera sua piztu zen Barakaldoko (Bizkaia) Portu kaleko etxebizitza bateko laugarren solairuan. Adingabeko baten gorpua autkitu zuten suhiltzaileek, sua itzaltzeko lanak amaituta hondakinen artera sartu ostean. Sutearen ondorioz, sei pertsona erietxera eraman behar izan zituzten; dagoeneko lauri sendagiria eman diete.
Sua nola piztu den ikertzen ari dira, eta ez dute baztertzen eraikina eraitsi behar izatea. Lekukoen arabera, garrak oso handiak ziren, eta etxeko hainbat biztanle, haurrak tartean, leihoetatik ihes egiten ikusi zituzten.
Dolu eguna
Barakaldoko Udalak dolu egun izendatu zuen atzokoa, eta bertan behera utzi zituen Karmengo jaien harira gaurko antolaturiko ekitaldiak.
Udaleko ordezkari politikoek doluminak adierazi dizkiote hildakoaren familiari, eta informazio bulegoa eratu dute Udaltzaingoaren bulegoan, ezbeharraren biktimentzat.
Hagen inguruko polemika
Ezbeharrak berriro piztu du polemika autoak espaloian aparkatzea edo oinezkoentzako kaleetan sartzea galarazten duten haga edo bolardoen inguruan. Suhiltzaileek haga horietako zenbait zerraz moztu behar izan zituzten Portu kalean sartzeko.
Duela zortzi urte ere polemika iturri izan ziren haga horiek. Orduan ere jaietan zegoen Barakaldo, eta barraken esparruan noria batek izandako istripu baten ondorioz zenbait lagun handik jaitsi ezinik lotu ziren. Suhiltzaileek arazoak izan zituzten barraken esparrura sartzeko haga horiek zirela eta, eta erreskatea zenbait orduz atzeratu zen.
Orduan alkatetzara iritsi berria zen Amaia del Campo gaur egungo alkatea, eta iragarri zuen herrian zeuden haga guztiak kalez kale aztertuko zituztela, eta larrialdi zerbitzuetarako oztopo izan zitezkeenak kendu egingo zituztela. Horren ondorioz, 722 erretiratu zituzten. Orain, Del Campok iragarri du berriro aztertuko dutela haga horien egokitasuna.
|
2023-7-16
|
https://www.berria.eus/albisteak/230775/portugaleteko-bandera-irabazi-du-etxeko-traineruak.htm
|
Kirola
|
Portugaleteko bandera irabazi du etxeko traineruak
|
Amaitu da Orio B-k KAE 2 ligan izan duen nagusitasuna, baina nagusi dira oraindik gipuzkoarrak
|
Portugaleteko bandera irabazi du etxeko traineruak. Amaitu da Orio B-k KAE 2 ligan izan duen nagusitasuna, baina nagusi dira oraindik gipuzkoarrak
|
KAE Liga 2ko saioa jokatu dute Ibaizabalen gaur, eta Portugaleteko traineruak irabazi du.
Portugaleteko 51. bandera jokatu dute, eta etxekoek 16 segundo atera dizkiote Donostiarra B traineruari, eta 23 segundo Orio B-ri. Orain arte jokaturiko lehenengo lau probetan nagusi izan dira oriotarrak. San Juan B, Hibaika, Mutriku eta Astillero sartu dira gero, ordena horretan.
Hegemonia galdu arren, Orio B nagusi da oraindik ere sailkapenean, 33 punturekin. Portugaletek 26 ditu, Astillerok 24, Hibaikak 20, Donostiarra B-k 18, San Juan B-k 12, eta Mutrikuk 7.
|
2023-7-16
|
https://www.berria.eus/albisteak/230776/orio-nagusitu-da-etxean.htm
|
Kirola
|
Orio nagusitu da etxean
|
Sailkapen nagusian bigarren jarri dira oriotarrak
|
Orio nagusitu da etxean. Sailkapen nagusian bigarren jarri dira oriotarrak
|
Ur bizitan jokatu dute Euskotren Ligako gaurko saioa, eta Orio nagusitu da, etxeko itsasoko uretan jokaturiko estropadan.
Liga irabazi zuten iaz, baina aurten ez dira espero bezain fin ibili, gaur arte. Izan ere, etxean aritzeak mesede handia egin die, eta oso atzean utzi dituzte gainerakoak. Arraun Lagunak-en traineruari bederatzi segundo atera dizkiote, eta Tolosaldeari, hamar.
Donostiarra kanporatu egin dute irten aurretik, balazta kontu batengatik. Izan ere, epaileen estropada ateratzeko zorian zela, eskatu diete balazta erakusteko, eta ez zeukaten. Nerea Lopez patroiak adierazi duenez, ahaztu egin zaie pisua hartzea. Balaztaren bila moilara joateko astirik ez zegoela iritzita, epaileek kanporatu egin dute trainerua.
Nadeth Agirre patroiak gidatu du Orioko ontzia, eta estropadaren hasieratik aurrea hartu dute; estropadak aurrera egin ahala, segundoak irabaziz joan dira etengabe. Orioko traineruak hegan egin du etxean itsasoa zaila zegoen egun batean. Lehen luzetik, aurreko txandan Tolosaldeak egindako denborak hobetuz joan da, eta ziabogan lau segundo hobeto egin du maniobra.
Hona gaurko denborak:
1. Oriok: 11:16.60 2. Arraun Lagunak-ek: 11:25.54 3. Tolosaldeak: 11:26.80 4. Hondarribiak: 11:41.96 5. Hibaikak: 11:57.34 6. Cabok: 12:14.34 7. Tiranek: 12:22.06 Donostiarra kanporatu egin dute
Donostiarraren kanporatzea kolpe latza izan da haientzat, bigarren baitzeuden sailkapenean. Orain, Oriok hartu du postu hori, eta donostiarrek laugarren postura egin dute atzera, Tolosaldearen atzetik.
Sailkapen nagusia honela geratu da:
1. Arraun Lagunak-ek 36 puntu ditu. 2. Oriok, 33 3. Tolosaldeak, 29 4. Donostiarrak, 26 5. Hondarribiak, 22 6. Hibaikak, 15 7. Cabok, 12 8. Tiranek, 6
|
2023-7-16
|
https://www.berria.eus/albisteak/230777/barrenetxea-juanenea-nagusitu-dira-atzelarien-finalean.htm
|
Kirola
|
Barrenetxea-Juanenea nagusitu dira atzelarien finalean
|
Azpirotz-Larrañaga bikoteari 13-15 eta 14-15 irabazi zieten atzo.
|
Barrenetxea-Juanenea nagusitu dira atzelarien finalean. Azpirotz-Larrañaga bikoteari 13-15 eta 14-15 irabazi zieten atzo.
|
Barrenetxea-Juaneneak buelta eman zieten atzo Azpiroz-Larrañagak bikoteak estu harturiko bi setei, eta nagusitu egin ziren erremonteko atzelarien finalean.
Lehenengo setaren erdiraino urdinak zeuden aurretik, Larrañagak sakez eginiko puntuei eta Azpirozek aurrean eginiko lan eraginkorrari esker, baina gorriek buelta eman zioten markagailuari.
Bigarren setean, antzekoa gertatu zen. Urdinek 14-10eko abantaila lortu zuten, baina, berriz ere, ezin izan zioten abantailari eutsi, eta, azkenean, 14-15 galdu zuten.
|
2023-7-16
|
https://www.berria.eus/albisteak/230778/urdaibai-nagusitu-da-orioko-estropadan.htm
|
Kirola
|
Urdaibai nagusitu da Orioko estropadan
|
Hamabi segundo atera dizkiote Hondarribiari, baina oraindik ere Hondarribia da sailkapeneko buru
|
Urdaibai nagusitu da Orioko estropadan. Hamabi segundo atera dizkiote Hondarribiari, baina oraindik ere Hondarribia da sailkapeneko buru
|
Surfean aditu dira bermeotarrak, eta hala erakutsi dute gaur, Orio pareko itsasoko olatuen bultzadaz baliatuta. Urdaibai nagusitu da Euskolabel Ligako Orioko saioan, eta erraz, gainera: bigarrenari, hau da, Hondarribiari, hamabi segundoren aldea atera dio.
Urdaibairen garaipena ziurtzat eman zitekeenez, ikusmin handiagoa egon da bigarren postua eskuratzeko lehian. Nor baino nor gogorrago aritu dira hondarribiarrak eta donostiarrak, batez ere amaieran. Lehia horretan ere erabakigarriak izan dira olatuak. Hondarribiak etekin handiagoa atera die horiei helmugara hurbildu ahala.
Hondarribia aurretik jarri da lehenengo luzean, baina ziabogan denbora galdu dute, eta orduan jarri da buru Urdaibai.
Getariak egin du denborarik onena lehenengo txandan; Lekittarra izan da bigarren, eta Santurtzi Ondarroaren aurretik helmugaratu da.
Gaurko denborak:
1. Urdaibaik 20:34.60 egin du. 2. Hondarribiak, 20:46.70 3. Donostiarrak, 20:47.70 4. Zierbenak, 20:57.84 5. Getariak, 21:05.14 6. Lekittarrak, 21:05.60 7. Santurtzik, 21:20.66 8. Oriok, 21:22.80 9. Ondarroak, 21:27.17 10. Kaikuk, 21.31.88 11. Samertolameuk, 21:35.04 12. Cabok, 21:51.60
Udaibaik Hondarribiari hamabi segundo atera arren, berdeek jarraitzen dute sailkapeneko buru:
1. Hondarribiak 54 puntu ditu 2. Urdaibaik, 52 3. Zierbenak, 51 4. Donostiarrak, 39 5. Getariak, 35 6. Oriok, 31 7. Cabok, 29 8. Lekittarrak, 29 9. Kaikuk, 24 10. Ondarroak, 18 11. Santurtzik, 17 12. Samertolameuk, 11
|
2023-7-16
|
https://www.berria.eus/albisteak/230779/wouter-poelsek-irabazi-du-tourreko-15-etapa.htm
|
Kirola
|
Wouter Poelsek irabazi du Tourreko 15. etapa
|
Ikusle batek erorialdi handia eragin du: hogei bat txirrindulari erori dira. Pello Bilbaok postu bat irabazi du, eta zazpigarren jarri da sailkapenean.
|
Wouter Poelsek irabazi du Tourreko 15. etapa. Ikusle batek erorialdi handia eragin du: hogei bat txirrindulari erori dira. Pello Bilbaok postu bat irabazi du, eta zazpigarren jarri da sailkapenean.
|
Wouter Poels (Bahrain) txirrindulari herbeheretarrak irabazi du Tourraren 15. etapa, Mont-Blanceko helmugan. Pello Bilbaok, postu bat irabazi, eta zazpigarren jarri da sailkapenean.
Les Gets les Portes du Soleiltik Saint-Gervais Mont-Blancerako etapa hasi eta berehala ekin diote txirrindulariek erasoa jotzeari. Izan ere, etapa menditsua izanik, aukera ezin hobea zen ihesaldiak antolatzeko.
Mathieu van der Poel izan da lehena saioa egiten, bigarren kilometrotik.
20. kilometro aldera, Nils Polittek metro batzuk ateratzea lortu du. Haren atzetik atera dira Alexei Lutsenko, Julian Alaphilippe y Valentin Paret-Peintre, eta lortu dute taldetxo bat eratzea.
Mikel landak ere jauzi egin du 31 kilometroan, Michal Kwiatkowskirekin batera.
Ikusle batek eragindako erorialdia
Helmugarako 125 kilometro falta zirela, hogei bat txirrindulari lurrera erori dira, ikusle batek eragindako talka batengatik. Sepp Kuss (Jumbo-Visma) txirrindulariaren eskulekua jo du. Antza denez, telefono bat eskuan zuen zaleak, eta, lekukoen arabera, selfie bat egiten saiatzen ari zen. Kussek, orduan, Nathan van Hooydoncken kontra egin du talka, eta Van Hooydoncken erori egin da. Atzetik etorri dira gainerakoak.
Edonola ere, eroritako txirrindulari guztiek jarraitu ahal izan dute lehian.
Jumbo-Visma taldeak txio bat zabaldu du ikusleei eskatzeko «adi» ibil daitezela beti «errepide bazterretik txirrindularitza ikusten dutenean».
Tourrak berak ere eskatu die ikusleei kontuz ibiltzeko txirrindulariei, eta ia kolpea hartu duen baten irudiekin ilustratu dute.
https://twitter.com/LeTour/status/1679427774912638976
Erorikoak moteldu egin du lasterketaren erritmoa. Horrek aukera eman die Alaphilipperi eta Lutsenkori tartea handitzeko.
Lutsenko izan da lehena Forclaz de Montmin gaineko mendiko helmuga gurutzatzen. Neilson Powlessek lau puntu lortu ditu horretan. Horren ondorioz, lau puntu ateratzen dizkio Jonas Vingegaardi mendiko sailkapenean.
Baina 87. kilometroan, jazarleek harrapatu egin dituzte iheslariak, aldapa behera baliatuta. Geroztik 38 txirrindulari talde bat joan da buru, faboritoen taldeari zortzi bat minutuko tartea aterata.
Marc Soler katalanak erasoa jo du 133 kilometroan, eta lehena izan da Aravis gaineko mendiko helmuga gainditzen. Halere, 139. kilometroan Wout van Aertek, Wout Poelsek eta Krists Neilandsek harrapetu egin dute.
Baina Neilands erori egin da 140 kilometroaren inguruan. Tourrak ez ditu irudiak erakutsi, baina badirudi motor batek jo duela txirrindularia. Petrilaren kontra eserita geratu da, kolpeak zorabiatuta.
Poelsek erasoa jo du 170. kilometroan, eta lehena helmugaratu da Cote des Amerandsen. 30-40 segunduren aldea atera die Poelsek jarraitzaileei.
Carlos Rodriguezek ere saioa egin du 175. kilometroan. Azkenean, Poels helmugaratu da bakarrik. Mikel Landa bosgarren sartu da helmugan.
1. Wouter Poels 04:40:45 2. Wout van Aert +02:08 3. Mathieu Burgaudeau +03:00 4. Lawson Craddock +03:10 5. Mikel Landa +03:14
Sailkapen nagusia, berriz, honela geratu da:
1. Jonas Vingegaard 62:34:17 2. Tadej Pogacar +00:10 3. Carlos Rodriguez +05:21 4. Adam Yates +05:40 5. Jai Hindley +06:38 6. Sepp Kuss +09:16 7. Peio Bilbao +10:11 8. Simon Yates +10:48 9. David Gaudu +14:07 10. Guillaume Martin +14:18
Hurrengo saioa asteartean egingo dute Tourrean. Banakako erlojupekoa jokatuko dute Passy eta Combloxen artean, 22 kilometrokoa. Vingegaard eta Pogacar elkarrekin sartu dira gaur helmugan, elkarrekin lehiatu gabe. Erabakigarria suerta daiteke asteartekoa, bietako zein nagusituko den aurreikusteko, beste inork ustekabea sortzen ez badu.
|
2023-7-16
|
https://www.berria.eus/albisteak/230780/laquoabertzaleenganako-errespetuaraquo-eskatu-du-otegik-lekeition.htm
|
Politika
|
«Abertzaleenganako errespetua» eskatu du Otegik Lekeition
|
Matutek esan du EH Bildurena «ezkerreko boto eraginkor bakarra» dela Euskal Herrian
|
«Abertzaleenganako errespetua» eskatu du Otegik Lekeition. Matutek esan du EH Bildurena «ezkerreko boto eraginkor bakarra» dela Euskal Herrian
|
Ekitaldi politikoa egin du EH Bilduk gaur Lekeition (Bizkaia), koalizio abertzaleak alkatetza irabazi duen herrietako batean. Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusia eta Oskar Matute Bizkaiko zerrendaburuak mintzatu dira Independentziaren plazan.
Bizikleta estatikoen metafora erabili du Otegik, berriz. Azken udal hauteskundeen ostean eginiko aliantzak «toki berean geratzeko» mugimenduak izan direla azaldu du. «Betikoak, betikoekin, betikoa egiten». Baina orain betiko horien artean PP sartu dela nabarmendu du, «abertzaleak eta ezkerrekoak garenok irabazi ditugun instituzio batzuetatik kentzeko».
Horregatik, «errespetua» eskatu du abertzaleentzat. «Bere botoarekin zer egingo den azaldu behar zaio jendeari. Guk badaukagu abantaila bat, abantaila garbia. Guk politika beste era batera egiten dugu. Guk printzipioak ditugu. Guk jendeari esaten diogu zer egingo dugun, eta egiten duguna jendeari esaten diogu. Hori da desberdintasuna».
EH Bilduko ordezkariak behin-behinean doazela nabarmendu du, helburua berdinen euskal errepublika independentea sortzea delako.
«Boto eraginkorra»
Matutek adierazi duenez, «EH Bildurena da Euskal Herrian ezkerreko boto eraginkor bakarra», eta herritarrei eskatu die «pentsatzeko zer dagoen jokoan».
EH Bilduri emaniko botoak «eskuina geratzeko, eskubideak zabaltzeko eta gizarte bezala aurrera egiteko» balio duela gaineratu du.
|
2023-7-16
|
https://www.berria.eus/albisteak/230781/eajk-esan-du-sekretuen-legea-eta-mozal-legea-aldatzeko-eskatuko-dutela-madrilen.htm
|
Politika
|
EAJk esan du sekretuen legea eta 'mozal legea' aldatzeko eskatuko dutela Madrilen
|
Ortuzarrek adierazi du jeltzaleak ez direla «inoren makulua»
|
EAJk esan du sekretuen legea eta 'mozal legea' aldatzeko eskatuko dutela Madrilen. Ortuzarrek adierazi du jeltzaleak ez direla «inoren makulua»
|
EH Bilduk bezala, Bizkaian egin du gaurko ekitaldi nagusia EAJk, Bermeon hain zuzen ere. «Berriro ere argi utziko dugu nazio bat garela», adierazi du Aitor Estebanek, Madrilgo Kongresurako Bizkaiko hautagaiak. Madrilen sekretu ofizialen legea eta oinarrizko askatasunak murrizten dituen mozal legea aldatzea eskatuko dutela gaineratu du.
«Ez dugu haririk gabeko puntadarik emango», adierazi du Idoia Sagastizabal diputatugaiak.
Andoni Ortuzar EAJko Euskadi Buru Batzarreko buruak adierazi duenez, jeltzaleak ez dira «inoren makulua». EH Bilduk leporatu dienean PPren sostenguarekin hainbat alkatetza abertzaleei kendu izana, «denak ez du balio» erantzun die Ortuzarrek. «Min egiten die Madrilen egiten dugun lanak». Politikarik aurrerakoienak eurek gauzatu dituztela gaineratu du.
|
2023-7-17
|
https://www.berria.eus/albisteak/230782/70-urteko-gizon-bat-topatu-dute-hilda-angeluko-hondartza-batean.htm
|
Gizartea
|
70 urteko gizon bat topatu dute hilda Angeluko hondartza batean
|
Atzo goizean aurkitu zuten hilotza, Amodio Ganberako hondartzan. Autopsiaren faltan, lehen zantzuen arabera itota hil zen.
|
70 urteko gizon bat topatu dute hilda Angeluko hondartza batean. Atzo goizean aurkitu zuten hilotza, Amodio Ganberako hondartzan. Autopsiaren faltan, lehen zantzuen arabera itota hil zen.
|
Igandeko 11:00ak aldera 70 urteko gizon bat aurkitu zuten Angeluko (Lapurdi) Amodio Ganberako hondartzan. Hilotzarekin topo egin zuenak abisu eman zion Poliziari. Suhiltzaileak eta Euskal Kostako Ospitale Zentroko larrialdi zerbitzuak ere bertaratu ziren, baina gizonaren heriotza egiaztatu besterik ezin izan zuten egin.
Heriotza ikertzen ari da Polizia. Autospiaren emaitzaren faltan, lehen zantzuen arabera itota hil zen gizona.
|
2023-7-17
|
https://www.berria.eus/albisteak/230783/garona-eraisten-hastea-baimendu-du-trantsizio-ekologikorako-ministerioak.htm
|
Gizartea
|
Garoña eraisten hastea baimendu du Trantsizio Ekologikorako Ministerioak
|
Datozen egunetan hasita, lanek hamar urtez irautea aurreikusi dute. 350 pertsona beharko dira lanetarako, eta 475 milioiko kostua izango dute. Araba Garoña Gabe plataformak salatu du kostu horiek aurrekontu publikoen bidez ordainduko direla, eta ez zentral nuklearraren ustipenak emandako etekinetatik.
|
Garoña eraisten hastea baimendu du Trantsizio Ekologikorako Ministerioak. Datozen egunetan hasita, lanek hamar urtez irautea aurreikusi dute. 350 pertsona beharko dira lanetarako, eta 475 milioiko kostua izango dute. Araba Garoña Gabe plataformak salatu du kostu horiek aurrekontu publikoen bidez ordainduko direla, eta ez zentral nuklearraren ustipenak emandako etekinetatik.
|
Espainiako Gobernuak iragarri zuen ez zutela Garoñako zentral nuklearra berriz ere martxan jarriko, Gaztela eta Leongo Juntak nahi zuen eran (PP-Voxen gidaritzapean dago egun), eta Trantsizio Ekologikorako Ministerioak urrats bat egin du hitzartutako bidean: Garoña desegiten hasteko baimena eman du gaur, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratutako agindu baten bidez. Bi fasetan egingo dituzte deseraikitze obrak, eta 2033. urtera arte irautea aurreikusten dute; 475 milioi euroren kostua izango dute, eta une batzuetan 350 pertsonari ere emango diete lana. Prozesu horren jarraipena egingo duela adierazi du Araba Garoña Gabek: plataforma pozik agertu da albistearekin, baina ohartarazi du segurtasun neurriak gertutik zaindu behar direla.
Burgosen (Gaztela eta Leon, Espainia) dago Santa Maria de Garoñako zentral nuklearra, Arabatik oso hurbil, eta horrek eragin du euskal erakunde eta gizarte mugimendu asko borrokatu izana hura ixteko. 1971n inauguratu zuten, eta 2012 amaieran itzali egin zuen Nuclenorrek berak. Berriz abiatzeko mamua ez zen guztiz desagertu 2017ko abuztura arte: Endesak eta Iberdrolak Garoña ustiatzen segitzeko baimena berritzea eskatua zuten, baina behin betiko ezezkoa eman zien Energia Ministerioak. Ia sei urte behar izan dituzte desmuntatze lanak bideratzeko: CSN Espainiako Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluak maiatzean onartu zuten zentrala eraisteko proiektua, eta berriki jaso du ingurumen baimena.
Obrak datozen egunetan abiatuko direla iragarri du ministerioak. Bi fase izango dituzte. 2026ra arte iraungo du lehenak: turbinaren eraikinaren egiturak eta osagaiak deseraikiko dituzte, eta bertako hondakinak kudeatu ahal izateko, hainbat instalazio moldatuko dituzte; gainera, erregai erradiaktiboa urtegitik atera eta «behin-behineko biltegi» batera mugituko dute. Bigarren fasean, berriz, behin erregaia aterata, «eraikin erradiologikoak» desmuntatuko dituzte, kutsadura kenduko dute eta ingurua «zaharberrituko» dute. 475 milioi euro erabiliko dituzte prozesuan, baina zenbaki horretan ez dute kontuan hartu erregai erradiaktiboaren kudeaketak eragingo duen gastua.
«Denon poltsikotik»
Ministerioak emandako agindu horretan, halaber, azpiegituraren titulartasuna aldatzea baimendu du; hain justu, hori da obrak abiatzeko falta zuten azken tramitea. Orain arte Nuclenorrena izan da Garoñako zentral nuklearra: Iberdolak eta Endesak osatua da Nuclenor. Ministeriotik iritsitako aginduaren arabera, Enresa enpresa publikoak hartuko du Garoña desegiteko ardura. Kritiko mintzatu da Araba Garoña Gabe horren inguruan: «Titulartasuna eskualdatzeak dakar, finean, zentrala deseraikitzeko lanak denon poltsikotik ordainduko direla, hau da, aurrekontu publikoetatik, eta ez Iberdrolak eta Endesak 40 urte baino gehiagotan jasotako etekin gizenetatik».
Plataformak nabarmendu du aurrekontutik kanpo geratu dela erregaiaren kudeaketa: «Ehunka urdez luzatuko da». Hain justu, lan horien inguruan kezka agertu du Araba Garoña Gabek: «Beren beregi eraikitako biltegi batera mugituko dute erregaia. De facto, horrek esan nahi du Nuclenorrek hilerri nuklear bat utziko digula oinordetzan, gaur-gaurkoz gutxi baitu behin-behinekotik, ez baitago alternatibarik hondakinok biltegiratzeko. Hilerri nuklear inprobisatua, denbora mugagabean, horrek dakarren arriskuekin». Izan ere, «kutsadura erradiologikorako arriskuaz» ere ohartarazi du, eta adierazi du segurtasun neurriak hartu behar direla zentralaren eragin gunean, baita Arabar Errioxan eta Nafarroako hegoaldean ere, Ebroko uren eragin eremu baitira.
«Herritarrentzako bermeekin»
«Berriro gertatu behar ez litzatekeenaren adibide da Garoña», Teresa Ribera Trantsizio Ekologikorako ministroak gaur adierazi duenez. Zentralaren itxiera «arduraz» egin izana txalotu du, baita «herritarrentzako bermeekin eta alternatiba ekonomikoekin» ere. Ministerioak gogora ekarri du Bidezko Trantsiziorako Institutua 2020an hasi zela lanean Garoñaren eragin eremuan dauden 27 herriekin —tartean Eusko Jaurlaritzarekin ere bai—, aztertzeko zer ondorio izango zuen zentrala ixteak enpleguan eta errentan; ingurua biziberritzeko hamabi egitasmo abiatu dituzte.
Juantxo Lopez Uralde Unidas Podemoseko diputatu eta Aliantza Berdeko buruak «logikotzat» hartu du zentralaren eraispena martxan jartzea: «Zalantzarik gabe, energia nuklearraren amaieraren hasiera markatzen du. Lehen urratsa da. Espero dugu gorabeherarik gabe gauzatzea eta zonaldea lehengoratu ahal izatea».
Zentrala deseraikitzeko lanei buruzko albisteak ez ditu eragile guztiak poztu, halere. Gaztela eta Leongo Gobernuko presidenteorde Juan Garcia-Gallardo (Vox) ez da bat etorri Garoña desmuntatzearekin. Madrili leporatu dio egitasmoa «azkartzea», PPk eta Voxek osatutako gobernu bat etor daitekeelakoan igandeko bozen ondoren, eta mehatxu egin du: «Eraisten duten guztia berreraikiko dugu, izan urtegiak, izan energia ekoizteko zentralak, izan gurutzeak». Gobernu horretako iturriek adierazi dute Garoña ixteko erabakia «presaz» hartu zutela eta «desegokia» izan zela. Antzera mintzatu da PPk Gaztela eta Leongo Gorteetan duen bozeramaile Angel Ibañez: Garoña ixtea erabaki «ideologikoa» izan zen, «PSOEren adar jotzeen paradigma», bere hitzetan.
|
2023-7-17
|
https://www.berria.eus/albisteak/230784/hazkunde-egonkorra-arabako-bizkaiko-eta-gipuzkoako-ekonomian.htm
|
Ekonomia
|
Hazkunde egonkorra Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomian
|
2023ko bigarren hiruhilekoan %0,5 handitu da, aurreko bi hiruhilekoetan bezala. Enpleguak ere gora egin du, %0,7.
|
Hazkunde egonkorra Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomian. 2023ko bigarren hiruhilekoan %0,5 handitu da, aurreko bi hiruhilekoetan bezala. Enpleguak ere gora egin du, %0,7.
|
Hazkunde tasa egonkor bati eusten dio Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiak. Eustatek aurreratu dituen datuen arabera, 2023ko lehen hiruhilekotik bigarrenera %0,5 handitu da hiru lurraldeetako BPG barne produktu gordina. Kopuru hori bera hazi zen 2022ko azken hiruhilekoan eta 2023ko lehenengoan, eta, hortaz, ez dira betetzen neguak eta udaberriak aurrera egin ahala datu apalagoak iragartzen zituzten aurreikuspenak.
Urte arteko tasari erreparatuz gero, orduan bai, moteldu da hazkundea, baina kontuan hartu behar da konparazioa hazkunde handiko urte batekin egiten dela, pandemiaren irteeraren egoera ezohikoarekin. Horrela, urte arteko hazkunde tasa %2,3tik %1,6ra jaitsi da.
Datu horrek bat egiten du Eusko Jaurlaritzarekin aurreikuspenekin. Martxoan egin zituen azken aldaketak iragarpenetan, eta BPGa urte osoan %1,5 handituko zela jakinarazi zuen. Iragarpen «kontserbadoreak eta zuhurrak» zirela azaldu zuen orduan Pedro Azpiazu Ekonomia sailburuak, ziurgabetasuna «oso handia» delako, Ukrainako gerrak eta inflazio handiak bere horretan jarraitzen dutela eta. Orduz gero, apaldu egin da inflazioa —%2,2ra iritsi zen ekainean, Hego Euskal Herri osoan—, baina oso goian jarraitzen dute prezio igoerek elikagaietan (%10,1), eta azpiko inflazioa ere oso handia da (%6,4).
Martxoko agerraldian, Azpiazuk ziurtatu zuen enpleguak gora egingo zuela, eta hala gertatzen ari dela diote Eustaten datuek. Lehen kalkuluen arabera, %0,7 hazi da lehen hiruhilekotik bigarrenera, eta %1,5 azken urtean.
Datu aurreratuak dira gaur jakinarazitakoak, eta irailaren 19an osatuko ditu Eustatek.
|
2023-7-17
|
https://www.berria.eus/albisteak/230785/upnk-ez-du-diputaturik-lortuko-nafarroan-eitb-focusen-arabera.htm
|
Politika
|
UPNk ez du diputaturik lortuko Nafarroan, EITB Focusen arabera
|
EH Bilduk sei eserleku eskuratuko lituzke Hego Euskal Herrian Espainiako Kongresurako, eta EAJk, bost. Nafarroan, bina diputatu aterako lituzkete PSNk eta PPk, eta UPN kanpoan geratuko litzateke.
|
UPNk ez du diputaturik lortuko Nafarroan, EITB Focusen arabera. EH Bilduk sei eserleku eskuratuko lituzke Hego Euskal Herrian Espainiako Kongresurako, eta EAJk, bost. Nafarroan, bina diputatu aterako lituzkete PSNk eta PPk, eta UPN kanpoan geratuko litzateke.
|
Uztailaren 23ko Espainiako Gorteerako hauteskundeen inguruko inkesta kaleratu du EITB taldeak, EITB Focus, eta, horren arabera, UPNk ez luke lortuko diputaturik Madrilgo ganberan. PPk, berriz, bi eserleku aterako lituzke, UPNren ohiko boto emaile askoren botoa eskuratuta, PSOEk bezainbeste lurralde horretan. EH Bilduk berriz, azken deialdian lortutako diputatu kopuruari eutsiko lioke, eta, zehazki, Bel Pozuetak Espainiako Kongresuan segituko luke, betiere EITB Focusen arabera.
Horiek horrela, EH Bilduk sei diputatuko taldea osatuko luke Madrilen, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan beste bost eserleku eskuratuko bailituzkete, azken deialdian baino bat gehiago. EAJk ere bost aterako lituzkete, galdeketaren arabera, 2019ko hauteskundeetan baino bat gutxiago. Sumarrek, berriz, diputatu bakarra aterako luke hiru lurralde horien osotasunean, Bizkaian hain zuzen (Lander Martinez), eta, hortaz, Elkarrekin Podemosek 2019an atera zituenekin alderatuta, bi galduko lituzke. PPk, berriz, Sanchez-Nuñez Feijooren buruz buruzkoaren haizea lagun, bat gehiago aterako luke.
Hala, EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk bosna diputatu lortuko lituzkete Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, EITB Focus makroinkestaren arabera. Dena den, inkesta egileek diote eserleku horietako batzuk jokoan daudela oraindik, «lurralde batzuetako azken ordezkaria boto gutxiren aldearekin erabakiko baita». Bide horretatik, «EAJk bilduko luke boto gehien Euskadin», bozen %28 eskuratuta, baina diputatu bat eta lau puntuko babesa galduko lituzke 2019ko emaitzekin alderatuta.
EH Bilduk ia sei puntuko hazkundea izango luke botoetan, %18,8tik %24,7ra pasatuta, eta, esan bezala, azken hauteskundeetan baino ordezkari bat gehiago lortuko luke. PSE-EEk, berriz, %23,1eko babesarekin (ia lau puntu gehiago), diputatu bat gehiago izango luke, azken bozetan baino. Bestalde, Sumar koalizioak bost puntu atzera egingo luke botoetan, Elkarrekin Podemosek lortutakoekin alderatuz, eta, horrek emaitza kaskarra ekarriko lioke, bi diputatu gutxiago aterata. Emaitzak hobetuko dituena, galdeketaren arabera, PP da, boto emaileen %10,3k egingo bailukete haren alde, eta horrela lortuko bailituzke diputatu bat ez baizik bi Madrilen.
Nafarroa
Nafarroan, berriz, PSNk eta PPk bina diputatu eskuratuko lituzkete Nafarroan, baina PSNk bilduko luke boto gehien, PPri bost punturen aldea aterata, EITB Focus inkestaren arabera betiere. PSNk 2019an baino eserleku bat gehiago lortuko luke, hortaz, ia hiru puntuko hazkundeari esker (%25etik %27,7ra).
PPk, ordea, emaitza horien eserleku kopurua parekatuko luke, duela lau urte Navarra Suma koalizioak (UPN, PP eta Ciudadanos) irabazitako bi eserlekuak eskuratuko bailituzke, UPN Kongresutik kanpo utzita.
Nafarroan ordezkaritza izango lukeen azken alderdia EH Bildu izango litzateke. Koalizio abertzaleak mantendu egingo luke azken hauteskundeetako ordezkaria, botoen %18 lortuta (puntu bat gehiago). Eta sei diputatu eramango lituzke Madrilera, Hego Euskal Herritik.
Sumar koalizioak, berriz, ez lioke eutsiko 2019an Unidas Podemosek eskuratutako diputatuari.
|
2023-7-17
|
https://www.berria.eus/albisteak/230786/jane-birkin-aktore-eta-abeslaria-zendu-da-76-urterekin.htm
|
Kultura
|
Jane Birkin aktore eta abeslaria zendu da, 76 urterekin
|
Europako poparen eta sexu askapenaren ikur izan da Birkin. Berriki, hainbat kontzertu utzi zituen bertan behera, osasun arazoengatik. Gidoilari eta zuzendari ere jardun zuen.
|
Jane Birkin aktore eta abeslaria zendu da, 76 urterekin. Europako poparen eta sexu askapenaren ikur izan da Birkin. Berriki, hainbat kontzertu utzi zituen bertan behera, osasun arazoengatik. Gidoilari eta zuzendari ere jardun zuen.
|
Erotismoak mundua zer neurritan asalda dezakeen erakutsi zuen Jane Birkin aktore eta abeslariak (Londres, 1947 - Paris, 2023); baina ez hori bakarrik. Birkin Europako pop kulturaren eta sexu askapenaren ikur bihurtu zen 1960ko hamarkadan, eta orduko kultur iraultzaren parte izana zalantzan jarri ezinezkoa zaio aspaldi. 70etik gora filmetan izan zen aktore, eta gidoilari eta zuzendari ere jardun zuen aldi batzuetan. Hogei disko inguru eman ditu bidean, bere ahots ahul, hauskor eta iradokitzaileaz. Atzo zendu zen, Parisen, 76 urterekin.
Londresen jaio izanagatik, Birkinek Frantzian eman zuen bizialdiaren parte handiena. Sorterria utzi zuenerako, hasia zen aktore lanetan —Michelangelo Antonioni zuzendariaren Blow-Up (1966) filmean aritu zen, adibidez—, baina, Hollywooden aritzeko aukerari muzin egin, eta Paris lehenetsi zuen Birkinek, azkeneraino. Sekula galdu ez zuen azentu ingelesa ere bada haren zigiluetako bat.
Parisera iritsitakoan ezagutu zuen Serge Gainsbourg artista, haren ibilbidean funtsezkoa izango zena, Slogan filmaren grabaketan (1969). Birkin eta Gainsbourg bikote izan ziren urte luzez, eta elkarrekin eman zuten aktore eta abeslari ingelesaren abesti ezagunena: Je t'aime... moi non plus. Kantu biziki sentsuala da hura, eta intziri batzuk ere aditzen dira, besteak beste. Hala, hain handia izan zen abestiaren erotismoak eragindako asaldura, ezen debekatu egin baitzuten hainbat herrialdetan. Vatikanoak publikoki salatu zuen, baita BBC hedabideak ere. Ezinbestean, horrek nabarmen puztu zuen Birkinen sona. Horren ondotik, haren hainbat diskok erdietsi zuten oihartzun handia: hala nola Lolita Go Home (1975), Baby alone in Babylone (1983) eta A la légère (1998) lanek.
Minak hitzetan
Birkinek 2020an plazaratu zuen azken diskoa, dozena bat urteko etenaren ondotik: Oh! Pardon tu dormais... Hartan, batik bat alaba nagusiaren heriotzaz aritu zen Birkin. Alabak Kate Barry zuen izena —John Barry musikariarekin izan zuen—, eta 2013an hil zen, Parisen, bere etxebizitzatik —laugarren solairutik— erorita. Suizidiotzat jo zuten berehala, baina Birkinen bigarren alabak, Charlotte Gainsbourgek, istripua izan zitekeela esan zuen.
Ikusi gehiago: Jane Birkinen katarsia
Edonola ere, heriotza hark arrasto sakona utzi zuen Birkinengan, eta horren adierazle dira, besteak beste, azken laneko kantuetako hitzak. Cigarettes (Zigarretak) abestikoak, adibidez:
«Ene alabak bere burua bota zuen/ Eta lurrean aurkitu genuen/ Kea uxatzeko/ Ireki ote zuen leihoa?/ Zigarretak/ Bi katu, zakur bat/ Loroa/ Lekuko/ Misterioa/ Baliteke istripu bat izatea/ Txoroa benetan/ Nork daki? [...] Hondoa joa/ Ondo maitea/ Hor/ Hilkorren ertzean/ Haur bedeinkatua/ Hutsune sideral/ Auzi medikuarenean/ Ene neskatoak zabu egin zuen/ Espaloian, han aurkitu genuen/ Kea uxatzeko/ Ireki ote zuen leihoa?/ Zigarretak/ Eta haren eskuan, txiskeroa/ Lekukorik ez/ Misterioa/ Baliteke istripu bat izatea/ Txoroa benetan/ Nork daki?».
Kantuetan eta filmetan ez ezik, memoriak gordetzeko propio idatzitako liburuetan ere geldituko da zizelkaturik Birkinen bizitza. Hainbatetan kontatu zuenez, 12 urte zituelarik hasi zen eguneroko bizipenak idazten. 2018an Munkey Diaries (1957-1982) memoria liburua eman zuen; eta 2019an Post-scriptum: Le journal intime de Jane Birkin 1982-2013.
|
2023-7-17
|
https://www.berria.eus/albisteak/230787/upnk-ppren-eta-eajren-alintzaren-arriskuaz-ohartarazi-du.htm
|
Politika
|
UPNk «PPren eta EAJren alintzaren arriskuaz» ohartarazi du
|
Hauteskunde hauetan UPNren lehiakide nagusia PP dela berretsita, Alberto Catalan Kongresurako zerrendaburuak Nafarroako herritarrak deitu ditu UPNren alde bozkatuz «dike bat» eraikitzera.
|
UPNk «PPren eta EAJren alintzaren arriskuaz» ohartarazi du. Hauteskunde hauetan UPNren lehiakide nagusia PP dela berretsita, Alberto Catalan Kongresurako zerrendaburuak Nafarroako herritarrak deitu ditu UPNren alde bozkatuz «dike bat» eraikitzera.
|
EITB Focus inkestaren arabera UPN Espainiako Kongresutik kanpo geldi daitekeela jakin den goiz berean, alderdiko zerrendaburu Alberto Catalanek PPri botoa emateak duen arrisku jakin bati buruz hitz du: Alberto Nuñez Feijooren alderdiak EAJrekin aliantza bat egin dezakeela helarazi du, eta horrek «arrisku handia» dakarrela Nafarroarentzat. Hau da, UPN ala PP bozkatu, hori ez dela gauza bera azpimarratu nahi izan du Catalanek, aurreko deialdian egindako Navarra Suma koalizioaren desegokitasuna onartuz, lerro artean.
«UPNk kezkarekin ikusten ditu Feijook EAJri egiten dizkion laudorioak. Alderdi horrek sanchismoari eutsi dio azken urteotan, eta Nafarroa berezko entitate gisa desagertzea nahi du; Euskal Herria esaten dioten entelekia horren zati bat izatea nahi du, eta, gainera, PSNrekin eta EH Bildurekin batera, foru erkidegoaren egungo gobernu eredua babesten du», esan du, Erriberrin (Nafarroa). «Nafarroa foruzalea eta espainiarra da, eta horrela defendatzen jarraituko dugu», erantsi du.
Defentsa hori egiteko, botoa eskatu du UPNrentzat, Madrilen «PPk alderdi horiekin egin ditzakeen akordioen aurrean dike baten gisa» aritu dadin UPN, «independentismoaren aurka». Nafarroako alderdi eskuindarraren ordezkariek «beren ahotsa» izango dutela azpimarratu du Catalanek, eta hori garrantzitsua izango dela «Nafarroaren nortasuna defendatzeko».
PPren aldean UPNk beste interes batzuk dituela nabarmentze aldera, hautagaiak hitzeman du «Nafarroaren autogobernuan esku hartzerik» egongo ez dela zainduko duela UPNk Madrilen, «ez dadin egon eskumenen inbasioa ekarriko lukeen legerik».
|
2023-7-17
|
https://www.berria.eus/albisteak/230788/errusiak-bertan-behera-utziko-du-zerealen-ituna.htm
|
Mundua
|
Errusiak bertan behera utziko du zerealen ituna
|
Kremlinek ez du berrituko Itsaso Beltzetik laboreak esportatzeko ituna, ez direlako aintzat hartu haren eskariak. Erdoganen ustez, Putinek akordioari eutsi nahi dio. Bi lagun hil dira Krimeako zubiaren aurkako eraso batean.
|
Errusiak bertan behera utziko du zerealen ituna. Kremlinek ez du berrituko Itsaso Beltzetik laboreak esportatzeko ituna, ez direlako aintzat hartu haren eskariak. Erdoganen ustez, Putinek akordioari eutsi nahi dio. Bi lagun hil dira Krimeako zubiaren aurkako eraso batean.
|
Errusia irten egingo da Ukrainako zereala Itsaso Beltzetik esportatu ahal izateko itunetik. Dmitri Peskov Kremlineko bozeramailearen esanetan, negoziazioek ez dituzte ase Moskuren eskariak. «Beraz, itunak indarrean egoteari utziko dio gaur». Itunak gaur arteko iraupena du, eta azken asteetan hura berritzeko negoziatzen aritu dira aldeak. Peskoven arabera, Errusia itunera itzuliko da haren eskariak aintzat hartzen direnean. Ukrainako Azpiegitura ministro Oleksandr Kubrakovek eskatu du itunak bere hartan jarrai dezala, Errusia horretatik irtenda ere.
Akordioa 2022ko uztailean sinatu zuten Errusiak eta Ukrainak, Turkiaren eta NBE Nazio Batuen Erakundearen bitartekaritzarekin. Hari esker, gerrak ez du eragotzi Itsaso Beltzeko itsas garraioa, eta lortu da 32 milioi tona labore ale eta ongarri esportatzea. Hasieran 120 eguneko iraupena ezarri zioten akordioari, baina, iazko azaroaren 17an, beste lau hilabetez luzatu zuten; orduz geroztik, beste bi aldiz egin dute gauza bera —martxoaren 17an eta maiatzaren 17an—, baina azkeneko bi aldi horietan 60 egunez. Azkeneko urtean ohikoa izan da Moskuk itunari buruzko kexak plazaratzea, eta aldeek zailtasunak izan dituzte hari eusteko.
Errusiak negoziazioetan salatu du Mendebaldeak ezarri dizkion zigor ekonomikoek kalte egiten dietela bere nekazaritza esportazioei. Neurri horiek altxatzea exijitu du. Horien artean, Errusiako Nekazaritza Bankua SWIFT banku sisteman sartzea berriz, eta nekazaritzarako makinen ordezko piezen gaineko zigorrak altxatzea. Errusiaren ongarri esportazioa zailtzen duten neurriak ezabatzearen alde agertu da NBEko idazkari nagusi Antonio Guterres.
Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganek uste du Vladimir Putin Errusiako presidenteak zerealen itunari eutsi nahi diola, eta aurreratu du gaiari buruz eztabaidatuko duela abuztuan Errusiako estatuburuarekin egitekoa den bileran, Turkian. Oraindik ez dute zehaztu ez non ez noiz izango den. Erdoganek adierazi du, bide batez, Mevlut Çavusoglu Turkiako Atzerri ministroa ere Errusiako bere homologo Sergei Lavrovekin hitz egitekoa zela gaur bertan. «Espero du elkarrizketa horietan aurrerapausoren bat ematea eta gure bidean etenik gabe jarraitu ahal izatea», azaldu du Turkiako presidenteak. Ankarak harreman onak dauzka bai Errusiarekin baita Ukrainarekin ere.
Europako Batzordeko presidente Ursula Von der Leyen gogorrago mintzatu da, Putinen aurka. Errusiaren erabakia «mugimendu zinikotzat» dauka. Gaineratu du EBk lan egingo duela «munduko herrialde zaurgarrienetan elikadura segurtasuna bermatzeko».
Gerraren lehen hilabeteetan, Ukrainak ezin izan zuen laborerik esportatu eta munduko hainbat herrialdek nabaritu zuten elikagai eskasia, baita horien garestitzea ere. Iazko uztailaren 22an, ituna izenpetu zutenean, Guterresek nabarmendu zuen «munduarentzako aringarri bat» zela, blokeoa elikagai krisia areagotzen ari zelako. Gerra hasi aurretik, Ukraina munduko nekazaritza ekoizlerik garrantzitsuenen artean zegoen: garagar ekoizlerik handienetan laugarrena zen, gari ekoizleen artean zazpigarrena eta arto ekoizpenean seigarrena.
Erasoa Krimean
Kremlinak Zerealen ituna ez berritzeko erabakia jakinarazi baino ordu batzuk lehenago, goizaldean, eraso bat izan da Krimeako zubiaren aurka. Errusiako Gobernuak adierazi du zerealen ituna bertan behera uzteko erabakiak ez duela zerikusirik erasoarekin. «Batere loturarik gabeko gertaerak dira. Eraso terroristaren aurretik ere, jarrera zein zen azaldu zuen [Errusiako presidente Vladimir] Putinek».
Krimeako zubia, gaur goizaldeko erasoaren ostean. EFE
Krimeako zubiko erasoan bi herritar hil dira. Leherketa izan denean, 03:00 inguruan, zubia zeharkatzen ari ziren auto batean. Beste pertsona bat, hildako bien alaba, zaurituta dago. Errusiak Ukrainari egotzi dio erasoa, eta, zeharka bada ere, SBU Ukrainako segurtasun zerbitzu militarrak bere gain hartu du, AFP albiste agentziak erakundeko iturriak aipatuz adierazi duenez. «Hilketa masiboetarako Errusiaren baliabideak garraiatzeko erabiltzen den legez kanpoko azpiegitura oro iraupen urrikoa izango da, ezinbestean», adierazi du Ukrainako presidentearen aholkulari Mikhailo Podoliakek.
Erasoak, gainera, kalteak eragin ditu bidean, eta, hori dela eta, trafikoa eten behar izan dute bi norabideetan. Hasieran trenen zirkulazioa ere eten dute —trenbide batek ere lotzen ditu Errusia eta penintsula—, baina ordu batzuk geroago berrezarri dute.
Krimeako zubiak izen bereko penintsula eta Errusia lotzen ditu, Kertx itsasartearen gainetik, eta Errusiako armadarentzat funtsezkoa da, tropak, armak eta bestelako baliabide militarrak Ukrainara bidali ahal izateko. Iazko urrian ere zubi hori bera hondatu zuen eraso batek, eta bost pertsona hil ziren horren ondorioz. Trafikoa hainbat hilabetez egon zen etenda. Aintzat hartu behar da azken hilabeteetan ugaritu egin direla Errusiak Krimean dituen azpiegitura militarren aurka egindako erasoak. Ukrainak zilegitzat jotzen ditu ekintza horiek.
Hemeretzi kilometro ditu zubiak, eta Europako luzeena da. Putinek berak inauguratu zuen, 2018an. Errusiak 2014an anexionatu zuen Krimeako penintsula.
|
2023-7-17
|
https://www.berria.eus/albisteak/230789/hainbat-arropa-denda-handi-ireki-gabe-geratu-dira-elak-deitutako-grebagatik.htm
|
Ekonomia
|
Hainbat arropa denda handi ireki gabe geratu dira ELAk deitutako grebagatik
|
Arropa kate handienek Madrilera eraman nahi dute arropagintzaren sektoreko hitzarmena, eta horri aurre egiteko egin dute greba
|
Hainbat arropa denda handi ireki gabe geratu dira ELAk deitutako grebagatik. Arropa kate handienek Madrilera eraman nahi dute arropagintzaren sektoreko hitzarmena, eta horri aurre egiteko egin dute greba
|
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hainbat arropa denda handik ezin izan dituzte ateak ireki gaur, ELA sindikatuak deitutako greba dela eta. 2022. urtearen amaieran, ARTE patronala sortu zuten hainbat enpresa multinazionalek: Inditex taldekoek, H&Mk, Primarkek eta Uniqlok besteak beste. Patronal horrek Espainiako hitzarmen zentralizatu bat nahi du arropa denden sektorean, eta hori dela-eta deitu du grebara gaur ELAk.
Sindikatuaren arabera, Araban izan du arrakastarik handiena greba deiladiak. Oysho, Bershka, Zara Home, Intimissimi, Woman's Secret, Mayoral, Tezenis, Cortf, Spf eta Pepe Jeans enpresen hainbat denda ezin izan dituzte ireki lurralde horretan. Gipuzkoan, Pepe Jeans, Parfois, Tramas, Mayoral, Txingudiko eta Garberako H&M, Massimo Dutti eta Woman's Secret dendek arazoak izan dituzte irekitzeko, eta Bizkaian, berriz, Decimas, Ikks, Alvaro Moreno eta Oyshok.
Ikusi gehiago: Madrilera eraman nahi dute arropa denden sektoreko ituna
ARTE patronalak gaur egin du enpresen eta sindikatuen arteko bilera, eta horren aurretik ELA, OSTA eta Galiziako CIG sindikatuek elkarretaratzea egin dute, itunaren zentralizazio horri aurre egiteko.
Gatazkaren muina
Espainian ez dago arropagintzaren sektoreko hitzarmenik, eta lurralde gutxi batzuetan dute sektoreko ituna. Hitzarmenik ez duten lurraldeetan, Murtzian esaterako, gutxieneko soldata irabazten dute sektoreko langileek. Azkenaldian, hainbat lan gatazka izan ditu Inditex taldeak, bai Galizian eta baita Madrilen ere, eta, hori dela eta, enpresako hitzarmen bat sinatu zuen Espainiako Estatu guztirako. Itun hori dela eta, konpetentziako enpresek baino kostu handiagoak ditu Inditexek, eta horregatik ari da bultzatzen Espainiako sektoreko hitzarmen bat, ELAren ustez.
Hego Euskal Herrian, baina, egoera ezberdina da, lurralde bakoitzean sektoreko hitzarmen propioak baitaude. ELAren ustez, ARTE patronalak proposatzen duen ituna baino hobeak dira Hego Euskal Herriko hitzarmenak, eta horregatik egin dute protesta.
Protesta eta greba egin duten sindikatuek nahi dute lehentasuna izatea Madrilen zentralizatutako itun horren baldintzak baino hobeak dituzten hitzarmenek.
|
2023-7-17
|
https://www.berria.eus/albisteak/230790/migrazioen-joan-etorriari-aurre-egiteko-akordioa-itxi-dute-tunisiak-eta-ebk.htm
|
Mundua
|
Migrazioen joan-etorriari aurre egiteko akordioa itxi dute Tunisiak eta EBk
|
Afrikako herrialde horrek konpromisoa hartu du mugako kontrola zorrozteko eta migratzaileen trafikoaren kontrako neurriak gogortzeko. Bruselak bilioi bat euroko laguntza emango dio trukean.
|
Migrazioen joan-etorriari aurre egiteko akordioa itxi dute Tunisiak eta EBk. Afrikako herrialde horrek konpromisoa hartu du mugako kontrola zorrozteko eta migratzaileen trafikoaren kontrako neurriak gogortzeko. Bruselak bilioi bat euroko laguntza emango dio trukean.
|
EB Europako Batasunak eta Tunisiako Gobernuak migrazio politikari buruzko akordioa sinatu zuten atzo, eta, itun horren arabera, Afrika iparraldeko herrialde horrek konpromisoa hartu du, besteak beste, mugako kontrola zorrozteko eta migratzaileen trafikoen kontrako neurriak gogortzeko. Gisa horretara, hirugarren estatu hori batuko da EBrako migrazioa gerarazteko lanetara, Turkiaren eta Greziaren ondotik. Tunisiako Presidentetzak eman zuen akordioaren berri, eta ekitaldi horretan izan ziren Kais Saied estatuburua, Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyen, Italiako lehen ministro Giorgia Meloni eta Herbehereetako jarduneko gobernuburu Mark Rutte.
Ikusi gehiago: EBk dirua eskaini dio Tunisiari mugako kontrol zorrotzagoen truke
Hori bai: EBko ordezkariek ez zuten zehaztu zenbat diru eskainiko dioten Tunisiari, migrazio politikak zorroztearen truke. Europako Batzordeak bilioi bat euro baino gehiagoko laguntza eskaini zion joan den ekainean Afrikako herrialde horri Mediterraneo erdialdeko migrazio joan-etorriei eusteko, baina atzo presidenteak ez zuen eman horren inguruko xehetasunik. Von der Leyenek hirurehun milioi euroko finantzaketaren bost oinarri baino ez zituen aipatu, klub komunitarioko agiri baten arabera; hain zuzen, migrazioa, digitalizazioa, energia, migratzaile trukea eta garapena izan zituen hizpide: «Migratzaileen etsipenaz elikatzen diren trafikatzaileen sareak eten behar ditugu. Tunisiarekin batera lan egingo dugu, eta erreskateetan bi aldeen arteko elkarlana areagotuko dugu, baita mugen kontrola ere, nazioarteko zuzenbidearen arabera», ziurtatu zuen, prentsaurrekoan.
Akordioa itxi ostean, «oso pozik» azaldu zen Meloni. «Urrats garrantzitsu bat egin dugu, eta migrazio krisiari modu integratuan ekingo diogu». Erantzun gisa, Saiedek esan zuenez, Tunisiako herriak «eskuzabaltasunez» eskaini die migratzaileei eman ziezaiekeen guztia, mugarik gabe», eta GKE gobernuz kanpoko erakundeei leporatu die «betebehar humanitarioa ez betetzea», zeinak «gaizki ulertuak» eragin baitzituen, Tunisiaren eta herriaren irudiari «kalte egiteko» asmoz, Tunisie Numerique hedabideak jasotakoaren arabera.
Von der Leyen, Rutte eta Meloni Tunisiako hiriburura joan dira berriro, Saiedekin biltzeko. Ekainaren 11n egindako bisitan, Europako Batzordeko presidenteak bilioi bat euroko laguntza ekonomikoa eskaini zion, herrialde magrebtar hark krisia gainditzeko bide gisa. Von der Leyenek bilera hartan zehaztu zuen EBk 105 milioi euro emango zizkiola Tunisiari 2023rako, migrazioen joan-etorria geldiarazteko; hau da, azken bi urteetan Tunisiarako izan duen migrazio funtsen urteko batezbestekoa halako hiru, Bruselak bere garaian jakinarazi zuenez.
Kontua da, ordea, diru hori jasotzeko baldintza dela Saiedek baiezkoa ematea NDF Nazioarteko Diru Funtsaren 1.689 milioi euroko maileguari. Tunisiako presidenteak, berriz, esan zuen ez zuela asmorik mailegua jasotzeko NDFk exijitzen dion erreforma sorta egiteko; zehazki, mailegu horrek kostu sozial eta lan kostu handia dakar, oinarrizko produktuetarako subsidioak murriztera eta monopolio gisa jarduten duten sektore publikoko enpresak likidatzera behartzen baitu. Saied, gainera, EBko «mugen zaintzaile» gisa aritzearen aurka agertu zen.
Tunisiak duen krisi ekonomikoaren eraginez, aurtengo urtarriletik ekainera arteko datuen arabera, 53.800 migratzaile atera dira herrialde hartatik EBra —gehienak, Saharaz hegoaldeko Afrikakoak—; Italiara joaten dira —gertuen dagoen herrialdea da, 150 kilometrora—, eta han geratu edo talde komunitarioko beste estatu kide batera joatea izaten dute helburu. Bidaia egin dutenen kopurua iazko urte osokoa halako bi da jadanik.
Ehunka errefuxiatu, basamortuan
Europako Parlamentuko hainbat diputatuk zalantzan jarri dute EBk eta Tunisiak eginiko akordioa; izan ere, salatu dute herrialdeko horretako agintariak ehunka migratzaile eta errefuxiatu kanporatzen ari direla. Hain zuzen, Mediterraneo erdialdeko migrazio joan-etorrien epizentro bilakatu da Sfax hiria —Tunisiako hiriburutik 270 kilometro hegoaldera—, Saharaz hegoaldeko milaka herritarren aurkako jazarpenagatik. Agintariek Afrika mendebaldeko ehunka migratzaile kanporatu zituzten uztail hasieran, eta Libiako eta Aljeriako mugetatik gertu dagoen basamortu batean utzi zituzten.
Bada, Libiako mugazainek laurogei pertsona inguru erreskatatu zituzten asteburuan; urik eta janaririk gabe zeuden, erabat akituta eta deshidratatuta. Human Rights Watch eta Alarm Phone GKEek hilaren 11n jakinarazi zuten komunikazioa galdu zutela Sfaxetik kanporatutako migratzaile talde batekin. Beste seiehun bat migratzaile, berriz, Tunisiako hirira itzularazi dituzte, eta estatuko indarren zaintzapean daude orain. GKEek iragan ostiralean salatu zuten ehun pertsona baino gehiago Libiako mugan harrapatuta zeudela, ez atzera ez aurrera; horien artean, emakumeak eta haurrak.
Bestalde, migratzaileen lehorreratzeek ez dute etenik Italiako Lampedusa uhartean; mila pertsona baino gehiago egunean, batez beste. Larunbat gauean, zehazki, 485 iheslari heldu ziren irlara 11 ontzitan, eta egunean bertan beste 22 txalupa iritsi ziren; 947 lagun zihoazen, tokiko komunikabideen arabera. Bien bitartean, MSF Mugarik Gabeko Medikuen Geo Barents itsasontziak 303 migratzaile erreskatatu zituen.
|
2023-7-17
|
https://www.berria.eus/albisteak/230791/belarrak-eta-diazek-sumarren-aldeko-botoa-eskatu-dute-elkarrekin-iruntildeean.htm
|
Politika
|
Belarrak eta Diazek Sumarren aldeko botoa eskatu dute elkarrekin Iruñean
|
Podemoseko idazkari nagusiak «Europako alderdirik ustelena» izatea leporatu dio PPri. Giro onean aritu dira biak, Irene Montero Espainiako Berdintasun ministro Sumarren zerrendatik kanpo geratu ondoren elkarrekin egin duten lehen ekitaldian.
|
Belarrak eta Diazek Sumarren aldeko botoa eskatu dute elkarrekin Iruñean. Podemoseko idazkari nagusiak «Europako alderdirik ustelena» izatea leporatu dio PPri. Giro onean aritu dira biak, Irene Montero Espainiako Berdintasun ministro Sumarren zerrendatik kanpo geratu ondoren elkarrekin egin duten lehen ekitaldian.
|
Irene Montero Espainiako Berdintasun ministroa Sumarren Kongresurako zerrendatik kanpo utzi ondoren, estreinakoz elkartu dira kanpainako ekitaldi batean Ione Belarra Sumarreko diputatugai eta Podemoseko idazkari nagusia eta Yolanda Diaz Sumar koalizioaren bultzatzaile eta Espainiako presidentegaia. Eta Iruñean izan da, giro ona islatzeko borondate argiarekin. Hitzaldia hasi aurretik, ez da irribarrerik falta izan Belarraren eta Diazen artean. Gaur bertan, EITB Focusen inkestak islatu du Sumarrek ez lukeela aterako diputaturik Nafarroan, nahiz eta eserleku bat ateratzeko PPrekin lukeen lehia boto kopuru apal baten kontua litzatekeen.
Belarra hasi da, PPren aurkako hitz gogorrekin: «PP da Europako alderdirik ustelena; ez ditu errespetatzen joko arauak, eta haren hauteskunde programa bakarra gezur esatea da». Podemoseko idazkari nagusiak irmotasuna erakutsi du eskuin muturraren aurrean, eta ohartarazi du hura geldiarazteko «boto seguru bakarra» Sumarrena dela. «Sumarren eta indar nazionalisten artean noren alde bozkatu zalantzan daudenei esaten diet uztailaren 23an Sumar indartsu ez badago ez dutela izango koalizio gobernu bat babesteko».
Diazek, berriz, datuetara jo du PPren aurka egiteko, ziurtatuz PPko Espainiako presidentegai Alberto Nuñez Feijook «gezurra esan esan digula berriro», pentsioak ez dituelako igo «sekula ere» KPIaren gainetik: «Pentsio publikoak defendatuko ditu Sumarrek; ez dugu nahi 65 urtetik gorako langilerik». Horrez gain, kanpainan zabaltzen ari den mezuak errepikatu ditu Diazek. Esaterako, gutxieneko soldata igotzen jarraituko dutela: «Lanaldia murrizteko garaia heldu da, eta soldatak apaldu gabe. Lanetik ordubete lehenago ateratzeko unea iritsi da, duin bizi ahal izateko».
Sumarren Nafarroako Kongresurako zerrendaburu eta europarlamentari Idoia Villanuevak, berriz, Nafarroara bideratu du bere hitzaldia, eta lurralde horretako lehia zehatz bat nabarmendu du: «Nafarroan Sergi Sayas ordezkari gisa izango dugun ala Sumarren ordezkari bat, hori ere jokatzen ari gara uztailaren 23an. Hautatu behar dugu PPren ahal duena salba dadila ereduaren eta Sumarren zerbitzu sozialen eta eskubide feministen ereduaren artean».
|
2023-7-17
|
https://www.berria.eus/albisteak/230792/zerga-bilketa-6-igo-da-ekainera-arte-araban-bizkaian-eta-gipuzkoan.htm
|
Ekonomia
|
Zerga bilketa %6 igo da ekainera arte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan
|
Hiru foru ogasunek 6.819 milioi euro metatu dituzte urteko lehen sei hilabeteetan.
|
Zerga bilketa %6 igo da ekainera arte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hiru foru ogasunek 6.819 milioi euro metatu dituzte urteko lehen sei hilabeteetan.
|
Urte erdia igaro da dagoeneko, eta zerga bilketa esperotako bidetik doa. Ekainera arte %6 handitu baita Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek bildutakoa, aurreko urteko epe berarekin alderatuta. Guztira, 6.819 milioi euro dira hiru foru ogasunek bildutakoa, Finantzen Euskal Kontseiluan ezarritako bilketa helburua baino zertxobait gehiago —%5,6 handituko dela kalkulatu zuten—. Bizkaiak bildu du gehien: 4.093 milioi euro; Gipuzkoak 1.798 milioi metatu ditu, eta Arabak 928,9 milioi. Dena den, Araban hazi da gehien bilketa urte arteko tasan: %14,7; Gipuzkoan %6,2 igo da; eta Bizkaian, %4,2.
Inflazioaren eragina zerga bilketan ere islatzen ari da azken hilabeteetan, eta kontsumoari lotutako zeharkako zergetan izandako bilakaera ona da horren adibide. BEZ zergak igoera nabarmena izan du Araban eta Gipuzkoan, %35,4 eta %14,8 handitu baita, hurrenez hurren; Bizkaian, ordea,%9,2 gutxiago bildu da zerga horren bitartez.
Inflazioa bezainbat izan ez bada ere, soldatak ere handituegin dira, eta hori guztia errenta zergan ere islatu da: %11,4 handitu da Bizkaian, %5 Araban, eta %2,6 Gipuzkoan. Sozietate zergaren bidez, enpresen irabaziak zergapetzen dituen zergaren bitartez alegia, %27,6 gehiago bildu du Bizkaiko ogasunak, %26,4 gehiago Arabakoak, eta %7 gutxiago Gipuzkoakoak.
|
2023-7-17
|
https://www.berria.eus/albisteak/230793/ozeanoak-berdeagoak-dira-orain.htm
|
Bizigiro
|
Ozeanoak berdeagoak dira orain
|
Ekuatoretik gertuko ozeanoak berdetu egin direla ondorioztatu dute 'Nature' aldizkarian argitaratutako ikerketa batean. Uraren kolorea aldatzeak eragina izan dezake ekosistemetan, planktonetatik hasita izakietaraino.
|
Ozeanoak berdeagoak dira orain. Ekuatoretik gertuko ozeanoak berdetu egin direla ondorioztatu dute 'Nature' aldizkarian argitaratutako ikerketa batean. Uraren kolorea aldatzeak eragina izan dezake ekosistemetan, planktonetatik hasita izakietaraino.
|
Eman margo kaxa bat ume bati, eta ikusi ea zer kolore aukeratzen duen itsasoa pintatzeko. Urdina, ezta? Argiagoa edo ilunagoa, norberaren gustuen arabera; horrek dirudi, behintzat, erantzun errazena. Egia da: kolore horretarantz jotzen du urak bolumen handietan. Dena dela, itsasoan badira kontuan hartu beharreko beste elementu batzuk, uraren tonuan eraginak dutenak. Horixe aztertu dute Nature aldizkariko ikerketa batean, eta azken hogei urteotan latitude baxuko ozeanoak —ekuatoretik gertuago daudenak— berdeago bihurtu direla ondorioztatu.
Ikertzaileek ez dituzte alderatu duela hogei urteko argazki bat eta egungo bat, ez: NASA agentziaren Aqua teleskopioak denbora horretan jaso dituen datuak baliatu dituzte. Uraren zikloa ikertzea da teleskopioaren oinarrizko egitekoa; oraingoan, ozeanoen kolorea da. Eskala handiko informazioa han goitik jasotzea da modurik zentzuezkoenena. Printzipioz, a motako klorofila da ozeanoetako koloreari erreparatzeko kontuan hartzen diren faktoreetako bat —fitoplankton proportzioa kalkulatu daiteke hari esker—.
Klorofilarekin emaitzak lortzeko, askoz urte gehiagotan jaso behar dira datuak, 30 baino gehiagotan, eta ez dago halako jarraipenik egin duen teleskopiorik. Horregatik, mikroskopiara ez baizik handira jo dute: Aquaren sentsoreak ozeanoak islatzen duen argia detektatzen du (Rrs remote sensing reflectance, ingelesez). Ur azaleko eta azpiko kolore espektroa kontuan hartzen ditu. Aldagai horrekin, klorofila aztertu daiteke, baina, esan bezala, laburregia da ikertu diren laginen denbora tartea.
Espektro gisa ulertu behar da ikusi daitekeen argia: moreenetik hasita gorriraino, eta haren erdian, berdea. Uhin luzera zenbat eta motzagoa, orduan eta urdin-moreago izango da; zenbat eta luzeagoa, orduan eta gorriagoa. Uhin luzera batzuei erreparatu diete, eta ondorioa da tarteko uhinak —hau da, berdeak— maizago jaso dituztela. Gehienbat ekuatoretik hurbilenen dauden uretan izan da hala.
Ekosistemetan izan dezakeen eraginaz ohartarazi dute. Kausa-efektua: argiaren edozein aldaketak du ondorioren bat ingurumenean. Elementu oso garrantzitsua da argia bai filoplanktonentzat —zeresana dute ozeanoen ziklo biokimikoetan eta karbono biltegiratzean—, bai, beraz, planktona kontsumitzen duten izakientzat.
Kolorean izan den aldaketa hori ez dute lotu zuzenean ur azaleko tenperatura aldaketarekin. Halere, tenperatura ez da guztia. Klima larrialdiak itsasoetan duen eragina aurreikusteko balio dezake, ekosistemetako aldagai eta elementuen aldaketei eta eboluzioari erreparatuta.
|
2023-7-17
|
https://www.berria.eus/albisteak/230794/kronoigoeran-hasiko-da-argitzen-vingegaarden-eta-pogacarren-arteko-lehia.htm
|
Kirola
|
Kronoigoeran hasiko da argitzen Vingegaarden eta Pogacarren arteko lehia
|
Azken astean bete-betean sartuko da tropela Frantziako Tourrean. Kronoigoera izango dute hurrengo erronka, eta buruz buruko beste lehia bat espero da bi oilarren artean.
|
Kronoigoeran hasiko da argitzen Vingegaarden eta Pogacarren arteko lehia. Azken astean bete-betean sartuko da tropela Frantziako Tourrean. Kronoigoera izango dute hurrengo erronka, eta buruz buruko beste lehia bat espero da bi oilarren artean.
|
Pedalkadaz pedalkada, igaro dira 2023ko lehen bi asteak. Euskal Herrian abiatutako Tourrean bi garaipen lortu dituzte orain arte euskal txirrindulariek; Pello Bilbaok lehendabizi (Bahrain), eta Ion Izagirrek ondoren (Cofidis). Horrez gain, bi oilarren arteko buruz buruko lehia estuarekin gozatzen ari dira zaleak. Jonas Vingegaardek (Jumbo-Visma) lortu zuen lehen errenta, Larüntzen (Zuberoa), 53 segundokoa. Baina, pixkanaka-pixkanaka, gerturatu egin zaio Tadej Pogacar (UAE). Hamar segundo eskasean dago orain maillot horia. Ezin zaio askoz gehiago eskatu aurtengo Tourrari, baina, hala ere, onena iristear dela dirudi. Asteartean ezpatak goian dituztela arituko baitira kronoigoeran.
Tropelak Euskal Herriko errepideetan eman zituen lehen egunak, eta berezia izan zen hasiera. Orain arte gutxitan ikusi izan da horrelako sua lehen etapetan, eta aurten, hasiera-hasieratik, mugimendu ugari ikusi dira. Horretarako eremu aproposak ziren Euskal Herriko mendateak, eta zaleek bide bazterretan sortutako olatuetan surfeatu nahi izan zuten txirrindulariek. Lehen asteak onetik eta txarretik eman zuen. Enric Masek (Movistar) eta Richard Carapazek (EF Education) dastatu zuten gazia. Podiumera igotzeko bi hautagai sendo ziren biak, baina jokoz kanpo gelditu ziren lehen egunean bertan, jaitsiera batean hankaz gora joanda. Gozoa, berriz, Jasper Philipsenek (Alpecin) eta Vingegaardek. Philipsen orain arteko esprint guztietan gailendu da, eta ez die aurkariei aukerarik utzi nahi izan. Iazko garaileak, berriz, lehen kolpea eman zuen taldeburuen mahai gainean. Bazirudien Euskal Herrian Pogacar hobeto sentitzen zela, baina bosgarren etapan, erakustaldia emanda, atzean utzi zuen Vingegaardek.
Bigarren astean, Pogacarren gurpilean itsatsi da norvegiarra. Esloveniar gaztea saiatu eta saiatu ari da Vingegaard gainetik kentzen, eta, pixkanaka sailkapenean hurbildu bazaio ere, hamar segundoko tartea dago oraindik bien artean. Erakustaldia eman dute biek. Pokerrean jokatzen ari balira bezala ematen dute pedalkada bakoitza. Pogacarrek ez dauka ausardia faltarik, eta bidea egiteko aukera ikusi duen bakoitzean jo du. Vingegaard, berriz, haren atzean dago. Ez dauka erasoa jotzeko beharrik, eta Pogacarren gurpilean itsatsita dago, esloveniarraren txakalaldiaren zain. Gurpiletik atera duenetan sendo aritu da Vingegaard. Hori izan daiteke aurreko urteko Tourrarekin alderatuta ikusi daitekeen desberdintasun nabarmenena. Iaz Vingegaarden erasoei erantzun ezinda gelditzen zenean denbora dezente galdu zuen Pogacarrek. Aurten, aldiz, gurpiletik aterata ere, bertan irauteko ahalmena erakutsi du gaur egun maillot horiaren jabea denak.
Bigarren asteak, baina, beste bi protagonista izan ditu. 72 kilometro daude Ormaiztegitik (Gipuzkoa) Gernikara (Bizkaia), baina xanpain botila ugari irekiko ziren azken asteetan bi herrietan. Izagirrek eta Bilbaok bi garaipen handi lortu zituzten bigarren astean, eta Frantziako Tourraren historian beren izena zizelkatu dute Euskaltelen hazitako ziklistek. Hamargarren etapan esprintean nagusitu zen gernikarra, eta, handik bi egunera, mendian erasoa jota altxatu zituen besoak helmugan Izagirrek.
Azken hitza, esatear
Azken astea besterik ez da falta, eta su artifizialen esperoan daude zaleak. Hori espero da astearteko kronoigoerarako. 22 kilometroko ibilbidean izango du lehen aukera Pogacarrek Vingegaard estu hartzeko. Zerbait erakutsi badu, ausardia erakutsi du, eta argi dago jo eta jo arituko dela kronoigoeran. Ibilbidea gustuko duela ere adierazi du esloveniarrak: «Laburra da, baina erlojupeko laburrak gustatzen zaizkit. Erritmoa aurkitzea zaila da erlojupekoetan, eta erritmo aldaketa asko daudenean gustatzen zait». Hala ere, ez da begien artean hartu duen etapa bakarra. Hurrengo egunean igoko duten Col de Loze «munduko igoera gogorrenetako bat» dela aipatu du Pogacarrek, eta, hogeigarren etaparekin batera, bertan ikusten du min egiteko aukera. Vingegaard, baina, garai onean dago, eta indarrez hustu egingo da Parisera maillot horiarekin iristeko. «Ez dut nire muga ezagutzen; beti saiatzen gara bertara hurbiltzen, eta hori da helburua, gertu egotea», adierazi du liderrak.
|
2023-7-18
|
https://www.berria.eus/albisteak/230797/aldaminape-eta-egirinao.htm
|
Bizigiro
|
Aldamiñape eta Egiriñao
|
Lehengo denboretan, Zeanuriko (Bizkaia) artzainak Aldamiñapeko txaboletan biltzen ziren artaldeak jagoteko. Etxola batzuk itxuraz aldatu diren arren, paraje horrek aukera bikaina eskaintzen du behialako bizimoduaz gogoeta egiteko.
|
Aldamiñape eta Egiriñao. Lehengo denboretan, Zeanuriko (Bizkaia) artzainak Aldamiñapeko txaboletan biltzen ziren artaldeak jagoteko. Etxola batzuk itxuraz aldatu diren arren, paraje horrek aukera bikaina eskaintzen du behialako bizimoduaz gogoeta egiteko.
|
Aldamiñapeko saroia Gorbeiako parke naturalaren bihotzean dago, Zeanuriko (Bizkaia) barrutian. Hamaika txabola goititurik ikusiko dira han, Aldamin mendi sonatuaren oinaldeko belazean barreiaturik. Enrike Ibabe etnologoak jakinarazi zuenez, milaka urte ditu herrixka edo saroi horrek. Aldamingo kareharrizko harresiaren atarian agertuko da tupustean, magia trikimailu baten erara.
Han dauden eraikin askok xarma berezia gordetzen dute oraindik ere. Ez dago Aldamiñapera joatea bezalakorik iraganaz gogoeta sosegatua egiteko. Antzinako bizimoduaren bila abiatu liteke bisitaria, zeru sabaian hegaztiak aise murgiltzen diren legez. Palasioko txabole delakoak, esaterako, zutik irauten du zuhaizpetik hurren. Zotalez estalita dago, aspaldi etxola gehienek erakusten zuten janzkera dotorea bistan duela. Azken hamarkadetan, ordea, etxolok aldaketa handiak izan dituzte, artzainek egungo beharretara moldatu baitituzte. Tamal handia da, baina txabola batzuk behera etorri dira denboraren poderioz: hondakin xumeak barreiaturik ikusiko dira alde guztietan. Azken txabolatik abiatzen da Arratebaltzetako atakara doan Lapurzulo izeneko bidexka. Handik joko du ibiltariak, betiere goraxeago altxatzen den Egiriñaoko aterpetxe multzoa ezagutzeko xedez. Horren harira, iazko uztailaren 9an ehun urte bete ziren Eleuterio Goikoetxea zeanuriztarrak Egiriñaoko mendiko aterpetxe-ostatua inauguratu zuenetik. Eleuterio bera mendiko turismoaren aitzindaritzat jo daiteke. Mendizaletasuna indar handia hartzen ari zen XX. mendearen hasieran, eta diru sarrera osagarriak eskuratzeko aitzaki-maitzakian ibili zen zeanuriztarra, egitasmoa erabat erdietsi zuen arte.
Harbide moduko xenda batek jantziko du Egiriñaorako bidea. Josean Gil-Garcia
Gorbeiako urtegiak Gorbeiako harrobietan egokitutako aparkalekuan emango zaio hasiera ibilbideari. Murua herrian (Zigoitia, Araba) abioa hartuta eta asfalto gainean 3,5 kilometro inguru egin ostean, urtegi sonatuetara iritsiko da ibiltaria. Gorbeiako bazterrok, Gasteizko hiriburua urez hornitzeko xedez, hagitz ezagunak egin ziren XX. mendean. Eskualdeko erraldoiaren erraietatik isuritako ur turrustak izugarri estimatuak izan ziren behiala, batez ere eskualdeko bizilagunen eta gasteiztarren artean. Orduan, prozesioak eta derrigorrezko bisitak paratu ohi zituzten ibarreko errota sorta ezagutzeko, baita uren emaria goraipatzeko asmoz ere. Gaur egun, ordea, mendizale andanak jarraitzen du urtegietako zokondora joaten, baina Gorbeia mendi gailurra miresteko asmo apalarekin.
Urtegietara iristean —ur laminak landaretza trinko batek maskaratuak agertuko dira—, bide seinale ugari ikusiko dira. Ibilian hasi ordez, autoa aurrerago utziko da, behialako harrobietan egokitutako atsedenerako parkea igaro eta berehala. Abian, beraz, zabalgune horretan jarriko da mendizalea. Ibilbide biologikoa izena hartu duen zidor tematikoarekin bat egingo du oinezkoak basabidean barrena lehen urratsak egiteaz batera. Izan ere, Azero eta Aldamiñapeko parajeetara doan zidorrak Zubialde errekaren ondoan jarraituko du hasieran, hots, baso igel jauzkarien, zuhaitz igel arrunten eta uhandreen kontserbazioa bermatzeko atondutako zidorretik beretik.
Eleuterio Goikoetxea aitzindariaren omenezko plaka. Egiriñaoko mendiko aterpetxe-ostatua zabaldu zuen. Josean Gil-Garcia
Azeroganetik Aldamiñapera Erreka gurutzatzea izango da hurrengo pausoa. Haltzak, pagoak eta haritzak gogaide, basoari darion edertasunaz bapo gozatuta, ur laminaren ondoan jarriko da berriz ere. Igel berde batez seinalatutako zidorra alde batera lagako du orduan, eta ezkerretik jotzen duen bide harritsuari lotuko zaio. Goratasuna ziztuan hartuko du mendizaleak, behe laino urdinkarak zerumugaren argi zurbilean bat egiten duen bezala. Hala, natur parkeko Zubialde deritzan ibilbideari ongi helduta, muinoko bizkarrean gora eta gora eginda, Azeroganeko tontorrerantz bideratuko ditu pausoak.
Artzainen dantza Aldamiñapeko zelaian, 1919an. T. Alfaro, AMVG
Hareharrizko tapizaren gainean ibilian, aukera izango du tarteka-marteka Oraiturritik eta Igiñiger malkarretik behera amiltzen den kareharrizko harresi galantari erreparo egiteko. Ederrak harrizko harresi biak! Baso ilunean berriz bildu, eta lau basabideko elkargunera iritsiko da bizkor. Orduan ezkerrera jo, eta, pagadiaren altzoan begi betegarri, lurrazaleko astindua nabarmenduko du zoli eta zalu. Harri puska ederrak ernaturik ikusiko ditu han, mazelan barreiarazita. Pagadia atzean utzi, eta igarobide berdean gaindi jarraituko du. Su ebaki baten antzo zabalduko da basabidea. Bideok banantzen diren lekuan, baina, eskuineko basabidea hobetsi eta, ahalegin xumea egin ostean, Azerogana zapalduko du. Gailurrera iritsi delako berria postontzi txikiak emango dio ibiltariari; izan ere, gainaldeko ertza iparralderantz urrutiratzen da herrestan, eta zaila izaten da punturik gorena zehaztea. Aurrerago, basabidearen ondoan, Zeanuri (Bizkaia) eta Zigoitia (Araba) udalerrietako behialako mugarria ikusiko du.
Monolitoa. Aldamiñape, artzainen sehaska. Josean Gil-Garcia.
Belazez jantzitako lerroan aurrera egingo du, parez pare Igiñiger, Aldamingo dorrea eta Dulauko Atxa nabarmenduko direla. Laster batean, bide nagusiak ezkerrera egingo du bira, eta pagadiaren ilunduran sarraraziko du ibiltaria. Ezkerreko zokondoan, Pagaluzeta aterpetxea utziko du. Orduan, eskuinera egingo du bidebanatzean, eta hesi batek inguratuta dauzkan bi etxola ikusiko ditu bide ertzean. Zuhaizpean aurrera jarraituko du gero, zehar-zehar, pagadiaren lurrin garbia agurtuta. Hasieran, saihestu egingo ditu aldatsean gora zuzen egingo dituzten zidor zorrotzak. Hasieran, hesi bat izango du bidelagun, eta erreferentziatzat hartuko du. Minutu batzuk sigi-saga, eta bidexka apetatsuak sakonune batera zuzenduko du zalea. Beheragunea zeharkatu ostean, beste batera iritsiko da segidan. Iturri bat ikusiko du han. Sakonunetik irten, eta ezkerretik gora doan zidorrari segika arituko da. Aldamiñape eta Ubide inguruak lotzen dituen basabidera irtengo da laster. Ezkerreko bidetik jarraituko du orduan, eta Aldamiñapeko txaboletara iritsiko da.
Ehun urte bete ziren iaz Egiriñaoko aterpetxe-ostatua inauguratu zutenetik. Josean Gil-Garcia
Iraganaz jantzita Etxolen artetik igaro, ibarrean aurrera egin eta zaharberritu duten azken etxolara iritsita, erne ibili behar du oinezkoak Egiriñaora doan bidexkari heltzeko. Horretarako, sakonunean behera egin ordez, ezkerretik doan bidexkatik jarraituko du, ibarra inguratzen ibiliko balitz bezala. Goratasuna hartzen lagunduko dio berehala zidor ezkutuak. Tarte batez, Lapurzuloganaren azpian dela, aldapa pikoa agertuko zaio irudi pitoresko baten moldean. Lapurzulo izena hartzen duen bide sonatua da. Handik egingo du igoera nekosoa, bide harritsuan barna. Aldatsa amaitu eta Bacigalupe mendizalearen omenez altxaturiko gurutzea ikusiko du malkarrean. Gurutzeraino iritsi gabe, ordea, ezkerrera egin eta, Arratebaltzetako atakatik igarota, Egiriñao eta Arrabako aterpetxea lotzen dituen bidexkarekin bat egingo du. Egiriñaoko aterpetxea Aldamin eta Gorbeiako magal erraldoiaren oinaldean dagoenez, ezkerrera egingo du bidebanatzean, eta, pagadia zeharkatu ostean, Egiriñaora iritsiko da. Bihar: Apotzaga eta Untzilla elizateen arteko harbideetan.
|
2023-7-17
|
https://www.berria.eus/albisteak/230798/zapatero-vox-sukar-faltsua-da-ppren-eskuindartzea-da-benetako-arriskua.htm
|
Politika
|
Zapatero: «Vox sukar faltsua da; PPren eskuindartzea da benetako arriskua»
|
Espainiako presidente ohi Jose Luis Rodriguez Zapatero PSE-EEren aldeko botoa eskatzen aritu da Donostian, eta nabarmendu du arrisku handia direla PPren «politika harpetarrak eta erreakzionarioak».
|
Zapatero: «Vox sukar faltsua da; PPren eskuindartzea da benetako arriskua». Espainiako presidente ohi Jose Luis Rodriguez Zapatero PSE-EEren aldeko botoa eskatzen aritu da Donostian, eta nabarmendu du arrisku handia direla PPren «politika harpetarrak eta erreakzionarioak».
|
PP-Vox bikotearen «benetako arriskuaz» ohartarazi du Espainiako presidente ohi Jose Luis Rodriguez Zapaterok, Donostian: Vox «sukar faltsua» dela azaldu du, «eskuinaren eranskin bat», eta «PPren eskuindartzea» dela arriskurik handiena. Rodriguez Zapaterok esan du «harro» dagoela PSOEko militante izateaz, eta nabarmendu du «elkarbizitzarako eta pluralismorako» garrantzitsua dela uztailaren 23ko bozetan sozialisten aldeko botoa ematea, ez daitezen politika «harpetarrak eta erreakzionarioak» egin.
Goiza Donostian eta arratsaldea Iruñean emango du 2004tik 2011ra Espainiako gobernua zuzendu zuen politikariak. Pedro Sanchezen aldeko kanpainan buru-belarri sartu da Rodriguez Zapatero azken asteetan. Espainiako hedabiderik handienetan egon da, inoiz baino gogorrago hitz eginez PPren eta Voxen aurka, inoiz baino argiago azalduz alderdi horiek nola baliatzen dituzten ETAren biktimak botoak ateratzeko. Ezin jakin Sanchezek hala eskatuta ari den ala ez, baina Zapatero aho bilorik gabe ari da egunotan «PPren gezurrak» azaleratzen, datu ugari gogoraraziz.
«Gezurra, azpijokoa, faltsukeria eta biktimen samina ere baliatu dituztenek ez dute proiekturik herrialdearentzat. Besteei gezurra esatea leporatzen dieten horiek dira egia gutxien esaten dutenak. Baina egiaren indarraren aurrean ezin da gezurra gailendu». Espainiako presidente ohia dena emanda doa PPren aurka eta PSOEren emaitzak hobetzeko ahaleginean.
PSOE da «zentro-ezkerreko botoak metatzen» dituen alderdia, haren arabera. Sanchezek gidatzen duen alderdiak 144 urteko ibilbidea duela gogoratu du, eta «konpromisorako gaitasuna» erakutsi duela beti. PSOEren konpromisoa, orain, Espainian eskuin muturreko gobernu bat ez egotea ei da: «Pentsioak eta gutxieneko soldatak igotzen jarraituko duen herrialde bat nahi dugu».
Rodriguez Zapaterok alboan izan du PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Andueza, eta hark eskertu egin dio presidente ohiari «askatasunen aldeko defentsan eta ETAren aurkako borrokan» egindako ekarpena. «Gezurra esatea erraza da, baina zikinkeria hutsa. Espainiako politikan sartu da gezurra, presidente izan nahi duen hautagai baten eskutik», esan du Anduezak, Alberto Nuñez Feijoo PPren Espainiako presidentegairi erreparatuz. «Gezurra esaten ematen du denbora guztia, eta horrek ez dio eskubiderik ematen presidente izateko: [Feijoo] bera gezur hutsa da, gezur mamitua».
|
2023-7-18
|
https://www.berria.eus/albisteak/230828/nola-jokatu-sute-batean.htm
|
Gizartea
|
Nola jokatu sute batean
|
16 urteko gazte bat hil zen igandean Barakaldon piztu zen sutean. Ina Robles Bizkaiko suhiltzaileak sute batean zer egin behar den azaldu du.
|
Nola jokatu sute batean. 16 urteko gazte bat hil zen igandean Barakaldon piztu zen sutean. Ina Robles Bizkaiko suhiltzaileak sute batean zer egin behar den azaldu du.
|
Suhiltzaileek trabak izan zituzten igande goizaldean Barakaldoko Portu kalean (Bizkaia) izandako sutera heltzeko. Polemika piztu da oinezkoentzako kaleetan sartzea galarazten duten trabagarrien inguruan; horietako batzuk zerraz moztu behar izan zituzten suhiltzaileek. Sua azkar hedatu zen eraikin osora, eta zurezko eskailerak behera erori ziren sutea hedatu zenean. 16 urteko gazte bat hil zen sutearen ondorioz, eta sei lagun erietxera eraman zituzten —garretatik ihes egin nahian patiora jauzi egin zutelako zauritu ziren horietako batzuk—.
Minutu bakoitza erabakigarria da sute batean, baita norberak egitea erabakitzen duena ere. Barakaldoko ezbeharra ikusita, Ina Robles Bizkaiko suhiltzaileak halako egoeretan zer egin behar den azaldu du Twitterren (@inarobles13); «oinarrizko nozio batzuekin, saihestu zitezkeen» gaztearen heriotza eta erietxeratzeak.
Eta keinu sinple bat da bizitza salbatu dezakeena: atea ixtea. Eraikinetik atera ahal izanda ere, garrantzitsuena da ate guztiak itxita uztea sua ez zabaltzeko. Nahiz eta egurrezkoak izan, nahikoa denboraz oztopatu dezakete gela batetik bestera sua hedatzea. Sarrerako atea irekita uzten bada, bizilagunak arriskuan jartzeko arrisku handia dago, kea eskaileretara joan daiteke eta.
Etxetik ezin irtenda, balkoira edo leiho bat duen gelara joan behar da lehenbailehen. Eta ez da ahaztu behar ateak ixteaz. Gela leihodunak dira onenak, kanpoko airea sartu daitekeelako. Kaletik norbaitek ikusteko modu bakarra da, eta handik erreskatatu dezakete larrialdian den pertsona. Leihorik gabeko gela batean amaituz gero, trapu hezeekin blokeatu behar da kea, eta larrialdi zerbitzuei jakinarazi.
Beste gomendio batzuk ere eman ditu Roblesek: kea egotekotan, lau hankatan ibiltzea. Arriskutsuena da kea; begiak narritatu ditzake, itsutu, eta arnasa hartzea galarazi. Horregatik, etxean-eta ke detektagailuak izatea funtsezkoa dela adierazi du. Su itzalgailuek ez dute balio garrek indarra hartu badute. Sua hasi bezain laster erabili behar dira horiek, eta ihes egin behin hedatzen hasten bada.
Ahal izatekotan sute batean egin beharrekoak ere zerrendatu ditu suhiltzaileak: igogailurik ez erabiltzea, 112ra deitzea, argindarra moztea eta gasaren giltza ixtea, kanpoan izatekotan suhiltzaileei itxarotea, eta haiei giltzak ematea, eraikinera sartzeko aukera izan dezaten.
Ekintzailea ere bai
Suhiltzailea da Robles, baita ekintzaile antimilitarista ere. Bilboko portutik Saudi Arabiara armak zeramatzan itsasontzi bat zamatzeko lanetan laguntzeari uko egiteagatik egin zen ezaguna, 2017an. Herrialdeak Yemenen kontra eginiko bonbardaketen aurkako protesta gisa egin zuen.
Elkarrekin Podemos alderdiko kidea zen Robles, eta alderdi hori ordezkatuz zinegotzi izan zen Getxon, 2020ra arte. Alderdi morearekiko «lotura oro» hautsi zuen, Madrilgo Gobernuak adierazi duelako Saudi Arabiari armak saltzen jarraituko duela. Aurretik, 2018an, Pedro Sanchezek esan zuen salmenta oro etengo zuela, herrialde arabiar hartako gobernuak Jamal Khaxoggi kazetaria hil zuelako Turkiako kontsulatuan.
Ukrainako gerraz ere aritu zen BERRIAri eskainitako elkarrizketan, joan den otsailean: «Gizarteak, oro har, militarismorantz egin du gerra honetan».
|
2023-7-19
|
https://www.berria.eus/albisteak/230829/apotzaga-eta-untzilla-elizateak-bat-eginez.htm
|
Bizigiro
|
Apotzaga eta Untzilla elizateak bat eginez
|
Apotzaga eta Untzilla elizateen arteko harbidean barrena ibiliko da mendizalea. Murugain mendiarekin topo egin ostean, baserriz baserri eta errekastoz errekasto, Apotzagarako bideari helduko dio berriz ere.
|
Apotzaga eta Untzilla elizateak bat eginez. Apotzaga eta Untzilla elizateen arteko harbidean barrena ibiliko da mendizalea. Murugain mendiarekin topo egin ostean, baserriz baserri eta errekastoz errekasto, Apotzagarako bideari helduko dio berriz ere.
|
Apotzaga eta Untzilla (klikatu irudian, handiago ikusteko). Joxean Apeztegia
Eskoriatzako Apotzaga auzora (Gipuzkoa) doan bisitaria liluratuta geratuko da paisaiarekin. Ez da urrutira joan beharrik natura oparoaz gozatzeko. Apotzagako balkoitik so eginda, esaterako, ez da nekerik: Mundua ametsa da, Li Bai poeta txinatarrak idatzita utzi zuenez. Oriol, Iruatxeta, Tellamendi, Asentsiomendi eta Murugain muinoek ibarra ondo mugatzen dutela ikusiko da handik. Alabaina, Anboto eta Udalatx erraldoiek atentzio osoa erakarriko dute, malkar larderiatsuaren antzera-edo.
Baina, akaso, beste zerbaitek xarmatuko du Apotzagara lehen aldiz hurreratzen dena: auzoko kanposantu biribilak. Anastasio Otadui abadearen ekimenez eraiki zuten, 60ko hamarkadan, Done Mikel parrokiatik urrats gutxira. Nonbait, Otaduik kanposantuei buruzko liburu mardul batean iltzatu zuen begirada. Formak eta sinboloak zehatz aztertuta, hilerri berria altxarazteko asmoa etorri zitzaion, Joxe Ramon Okarantza Otaduik Ahotsak.eus atarian eginiko adierazpenen arabera. Hilerria gauzatzeko toki jakin bat aukeratu behar zuela, auzoko ekialdeko muinoaren azpiko ur-lasterrak gogoan hartu zituen abadeak. Parrokiaren azpian gertatzen den bezala, Anastasiok bazekien misterio aura bat zegoela. Uren emarian bihotza eta arima arazten direlakoan, lanean jo eta su ibili zen han, ur-lasterren bidegurutzean. «Ondasun handiak arima txikientzat», Juan Kruz Igerabide idazlearen hitzetan.
Zarrao baserri handia, palmondoa gertu-gertu duela. Josean Gil-Garcia
Jada 30 urte igaro dira Eusko Jaurlaritzak monumentu multzo izendatu zuenetik. Tantaka bada ere, makina bat bisitari joaten da monumentu bitxi hori miresteko. Kanpoko egiturari jarraituz, zirkuluan dago antolatuta barrualdeko guztia. Txukun-txukun eta maina handiz. Interes historiko-artistikoari dagokionez, besteak beste, disko formako hilarri modernoak, Galartza auzoko bataiarri erromanikoa eta Maringo muga-gurutzea ikusi daitezke 20 metroko diametroa hartzen duen zirkuluaren barruan.
Ibilian hasita, txangolariak Apotzagako harbideari jarraitu eta Untzilla (Aramaio, Araba) herrian hartuko du merezitako atsedena. Ondoren, Muruatik behera egingo du, pagadi xumean barrena, eta Gellao auzoan Barrengarroerrekarako bideari oratuko zaio, Apotzagara iritsi aurretik.
Apotzagako harbidea
Apotzaga herrira iritsita (Eskoriatza, Gipuzkoa), Done Mikel elizaren atzealdeko aparkalekuan utziko du autoa, hilerri biribila altxatzen den tokiaren aurrean. Ibilian hasiko da PR baten bide seinaleei jarraituz. Tenpluaren eskuinaldetik doan kalean aurrera egingo du. Zarrao baserri handiak atentzioa emango dio lehen urratsak egiteaz batera. Bai ederra alboko palmondoa! Okarantza baserri armarridunera iristean, ezkerrera hartu eta, ondoko bidebanatzean, eskuinera egingo du, goratasuna hartzeko asmoz. Iturrira heldu baino metro batzuk lehenago, PR zidorra laga eta eskuinetik doan porlan bidetik jarraituko du. Hasieran, zehar-zehar; gero, aldats gora. Aldapa pikoa amaituta, egurra pilatzeko baliatzen den zabalgune batera iritsiko da. Bertako ur biltegiaren ezkerraldetik jarraituko du; betiere, porlanez jantzitako bide nagusitik atera gabe.
Ajostako txabola, Untzillatik hurren. Josean Gil-Garcia
Altuera gehiena hartuta, Urigaraiko parajetik datorren PR zidorraren markak ezkerreko bidetik batuko zaizkio. Eskuineko basabidea hautatu, eta, noranzkoari men eginda, pinudiaren babesean jarraituko du. Latako lepora bizkor iritsiko da. Gaur egun pinudia bota baitute, basabide sarda bat agertuko da han. Haritz baten enborrari helduta, Mendiko Ama estanpa xumea ikusiko du. Porlan bidea uzteko garaia izango da, baita eskuineko bidetik ekitekoa ere. Gaztainondo eta haritz sendoek hartuko dute lekukoa orduan. Pagalderreka zeharkatu ondoren, hariztian barrena jarraituko du, eta basabide batera irtengo da. Aurrera jarraituko du orduan, astigarrak, haritzak eta gaztainondoak aldamenean dituela. Bidebanatze batean, Ajostako txabola agertuko da. Bidebanatze horretan, Leintz Gatzagara doan GR 121 utzi, eta Untzillara doan zidorrari ekingo dio. Untzillatik gertu, herria parez pare duela, eskuinera hartu eta elizarantz egingo ditu urratsak.
Micaela J. Portilla historialariaren omenezko plaka, Untzillako elizaren atarian. Josean Gil-Garcia
Baserriz baserri
Untzillako elizaren eskuinetik doan errepidetxoa jarraituko du gero. Mendibitzu baserriaren parean, Mendikurtz santutxoa ikusiko du. Haren eskuinetik jarraituko du, astiro-astiro. Murugaingo tontorrera igotzeko aukera alde batera utzita, zehar-zehar jarraituko du ibiltariak. Murua auzoko hiru baserrien aurretik igaro ostean, galtzadari berriz oratu eta paseo ederraz gozatuko du. Iturri baten ondotik igaro eta bi minutura-edo, erne ibiliko da. Izan ere, pinu sendo baten ondoan, PR zidorraren arrastoak ikusiko ditu. Lubaki moduko paraje batean sartu, eta maldan behera abiatuko da. Pagadi-hariztian barrena ibilita, bidexka nagusiak basabide batera aterako du ibiltaria. Orduan, eskuinetik jo eta Arangoitigaraiko baserrira helduko da.
Asfaltoa lagun hartuta, aurrera egingo du paraje ederraz bapo-bapo gozatuta. Intxaurdi baserrirako desbideratzea atzean geratu eta berehala, errepidea utzi eta ezkerretik abiatuko da. Etxola baten ondoan, eskuinera egin eta jaisten jarraituko du, harik eta Gellaoko errepidera irten arte. Elexondoko plazari bizkarra emanda, eskuinetik jarraituko du, asfaltoa eta PR seinaleak gogaide. Halaxe ibiliko da txangolari prestua, bost minutu inguru. Etxabeazpiko, Santakoa, Iturbe, Etxebarrialdebekoa eta Etxabarrialdegoikoa baserrietara doan errepidea ikustean, errepide nagusia utzi eta ezkerrera egin baserri horiek bisitatzera abiatuko da zoli eta zalu.
Apotzagako hilerria monumentu multzo izendatu zuten. Josean Gil-Garcia
Etxabe baserri ondoan igarota, bideak Iturbe errekak hondeatzen duen ibarrerantz zuzenduko du. Hala, Iturberreka gurutzatu eta gora egingo du. Etxaberrialdebekoa eta Etxaberrialdegoikoa baserri biak atzean utzita, Barrengarroerreka gurutzatu eta ezkerretik jarraituko du, goratasuna hartzeko asmoz. Bide nagusiari men eginda, Apotzagara iritsiko da.
Bihar: Berrotzako naturaren erlikiak.
|
2023-7-18
|
https://www.berria.eus/albisteak/230830/gizon-bat-atxilotu-dute-zarautzen-sexu-eraso-bat-egotzita.htm
|
Gizartea
|
Gizon bat atxilotu dute Zarautzen sexu eraso bat egotzita
|
Ertzaintzak jakinarazi duenez, Zarauzko ostatu turistiko bateko komun publikoetan gertatu zen sexu erasoa, astelehen goizaldean. Atxilotua karguekin aske utzi dute, epailearen aurrean deklaratu ondoren.
|
Gizon bat atxilotu dute Zarautzen sexu eraso bat egotzita. Ertzaintzak jakinarazi duenez, Zarauzko ostatu turistiko bateko komun publikoetan gertatu zen sexu erasoa, astelehen goizaldean. Atxilotua karguekin aske utzi dute, epailearen aurrean deklaratu ondoren.
|
Ertzaintzak jakinarazi du 31 urteko gizon bat atxilotu dutela Zarautzen (Gipuzkoa) emakume bati sexu erasoa egitea egotzita. Salaketaren arabera, erasoa astelehen goizaldean gertatu zen, 05:30ak inguruan, Zarauzko ostatu turistiko bateko komun publikoetan. Abisua jasotakoan, Ertzaintzaren patruila bat bertaratu zen ostatura, eta atxilotu egin zuten erasotzailea, zeina han inguruan baitzebilen.
Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Zarauzko ertzain etxera eraman zuten atxilotua, eta, atzo azken orduan epailearen aurrean deklaratu ondoren, karguekin aske utzi zuten.
Ikusi gehiago: Urola Kostako Hitza
|
2023-7-18
|
https://www.berria.eus/albisteak/230831/europako-gas-eskaria-10-apaldu-da-2023aren-lehen-erdian.htm
|
Ekonomia
|
Europako gas eskaria %10 apaldu da 2023aren lehen erdian
|
Berriztagarrien errendimendu onagatik eta energiaren kontsumoa murrizteagatik erabili da, gehienbat, gas gutxiago
|
Europako gas eskaria %10 apaldu da 2023aren lehen erdian. Berriztagarrien errendimendu onagatik eta energiaren kontsumoa murrizteagatik erabili da, gehienbat, gas gutxiago
|
Gas naturalaren eskariak behera egin du munduan 2023ko lehen sei hilabeteetan, baina eskualde bakoitzak joera ezberdina izan du. Eskualde gehienetan beherakadak egon dira, baina Asian gas kontsumoa dezente haztea espero da 2023aren bigarren erdirako, eta aurreikuspenek diote 2023ko gas eskaria 2022ko ia bera izango dela. OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen Europako herrialdeetan, adibidez, %10 egin du behera gas naturalaren eskariak urtearen lehen erdian, 2022ko datuekin alderatuta. IEA Energiaren Nazioarteko Agentziaren datuak dira.
Zehazki, eskariak 31 mila milioi metro kubo egin du behera lehen sei hilabeteetan herrialde horietan, baina lehen hiruhilekoan egon da jaitsiera handiena: 22 mila milioi metro kubo gutxiago. Bigarren hiruhilekoan, berriz, bederatzi mila milioi metro kubo apaldu da gas naturalaren eskaria.
Eskariaren jaitsiera hori, baina, Europako Batasunak jarritako helburuaren azpitik dago. Ukrainako gerraren eta energia krisiaren ostean, Bruselak eta estatu kideek helburu komun bat adostu zuten iaz, eta aurtengo martxoan luzatu egin dute: gas kontsumoa %15 apaltzea. Datuek diote, baina, ez dela maila horretara iritsi, eta, IEAren aurreikuspenen arabera, 2024an gora egingo du gas kontsumoak Europan.
Elektrizitatea sortzeko gas gutxiago erabili delako murriztu da gehien eskaria; zehazki, eskariaren jaitsieraren %70 motibo horregatik izan da. Esaterako, bigarren hiruhilekoan bederatzi mila milioi metro kubo txikitu da gas eskaria, eta horietatik zazpi, ziklo konbinatuko zentralen eskaria apaldu delako. IEAren arabera, industriaren jarduera apaldu izana da elektrizitate eskaria txikitu izanaren arrazoi nagusietako bat, bigarren hiruhilekoan %7 elektrizitate gutxiago kontsumitu baita Europan.
Iturri berriztagarrien eta nuklearraren bidez elektrizitate gehiago produzitu izana eta energia kontsumoa murrizteko politikak ezarri izana ere badaude elektrizitatearen kontsumoaren beherakadaren atzean.
Gas naturalaren banaketa sarean ere apaldu da eskaria, nahiz eta aurtengo udaberria iazkoa baino hotzagoa izan. Banaketa sarearen eskaria %8 txikitu da bigarren hiruhilekoan. Hori dela eta, IEAren arabera, klimarekin zerikusirik ez duten faktoreak izan dira jaitsieraren erantzule, hala nola energia aurrezteko neurriak, eraikinen efizientzia hobetzeko politikak eta kontsumo ohituren aldaketak.
IEAk espero du Europan gas eskaria %7 txikituko dela 2023an, baina uste du 2024an gora egingo duela, %1,5.
Amerikan ere, behera
Ipar Amerikan, eta Erdialdeko eta Hegoaldeko Amerikan ere behera egin du gas eskariak 2023aren lehen hilabeteetan. Erdialdeko eta Hegoaldeko Amerikan apaldu da gehien, %5 egin baitu behera gas naturalaren eskariak lehen hiruhilekoan. IEAren ustez, energia hidroelektrikoaren igoeragatik jaitsi da gasaren erabilera eskualde horietan. Iaz ere behera egin zuen gas eskariak, %3, eta IEAk uste du 2023an %4 murriztuko dela; hala ere, 2024an %2 haztea espero du.
Argentina da eskualde horietan gas gehien kontsumitzen duen herrialdea, eta %1 murriztu da han eskaria lehen lauhilekoan. Herrialde horretan, nagusiki sektore elektrikoan eta eraikinetan erabili da gas gutxiago, baina industriak iaz baino %8 gehiago kontsumitu du aurten. Brasil da gehien kontsumitzen duten herrialdeetan bigarrena, eta gas naturalaren eskaria Argentinan baino dezente gehiago txikitu da, %15 egin baitu behera lehen bost hilabeteetan.
Ipar Amerikan, Ameriketako Estatu Batuak dira merkatu handiena, alde handiz. Han, %0,5 murriztu da gas eskaria lehen sei hilabeteetan. Eraikinak berotzeko erabilitako gasa izan da gehien jaitsi dena, baita industriakoa ere. Elektrizitatea sortzeko erabilitako gasak, baina, %8 egin du gora. Kanadan %1 egin du behera gas eskariak, eta Mexikon ez da aldaketa handirik egon.
Ekialdean beherakadatik gora
Mendebaldeko herrialdeetan bezala, Asian ere apaldu egin da gas eskaria 2023ko lehen hiruhilekoan, Japonia, Hego Korea eta Indiagatik batez ere, baina hiru hilabete horietan txikitutakoa errekuperatu egin du eskualdeak bigarren hiruhilekoan, eta urte amaierara arte joera horri eustea espero du IEAk. Hala, 2023an Asiako gas kontsumoa %3 handituko dela aurreikusi du agentziak, eta 2024an are gehiago igoko dela kalkulatu du, %4.
Txina izango da aurtengo gas kontsumoaren igoera horren bultzatzaile nagusia, 2023an haren eskaria %6 haztea espero baitu IEAk. Hori, baina, ez da hor geratuko, 2024an %7 igoko dela iragarri baitu energiaren merkatua ikertzen duen agentziak. Japonia da txanponaren beste aurpegia, urtearen lehen lau hilabeteetan %12 apaldu baita hango gas eskaria; 2023an, berriz, %5 egingo du behera, eta 2024an, %1.
IEAren arabera, Afrikan eta Ekialde Hurbilean handitu egingo da 2023ko gas eskaria, baita 2024an ere. Aurreikuspen horien arabera, aurtengo gas eskaria 2022ko bera izango da munduan, eta datorren urtean ia %2 egingo du gora. Ipar Amerika izango da 2024an gas eskariak behera egingo duen munduko eskualde bakarra.
|
2023-7-18
|
https://www.berria.eus/albisteak/230832/dimisioa-laquolehenbailehenraquo-emateko-eskatu-dio-eajk-gorrontildeori.htm
|
Politika
|
Dimisioa «lehenbailehen» emateko eskatu dio EAJk Gorroñori
|
Jeltzaleek uste dute bete dela Gernikako alkateak dimisioa emateko jarritako epea
|
Dimisioa «lehenbailehen» emateko eskatu dio EAJk Gorroñori. Jeltzaleek uste dute bete dela Gernikako alkateak dimisioa emateko jarritako epea
|
Joan den ekainaren 17an, GH Guztiontzako Herria plataformako hautagai Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkate izendatu zuten (Bizkaia), plataformako zinegotzien eta EAJkoen botoei esker. Baina izendapenak bazuen baldintza bat, Gorroñok berak kargua hartzeko hitzaldian azaldu zuenez: epe bat pasatuta, Gorroñok dimisioa eman beharko zuen, eta haren taldeko beste zinegotzi batek hartuko zuen alkatetza, Iñaki Gorroño anaiak. EAJren eta Gorroñoren arteko harremanak oso gaiztotuta daude aspalditik, eta akordio horren bidez irtenbide bat eman nahi izan zioten auziari, alkatetza EH Bilduren eskuetan gera ez dadin.
Baina ez dago argi Gorroñok noiz eman behar zuen dimisioa. EAJren iritziz, epea hilabetekoa zen, eta epe hori atzo bete zen. Gernikako EAJren bozeramaile Xabier Irazabalek El Correo egunkariari adierazi dionez, Gorroño «hitza jaten» ari da, eta, epea igarota, «zilegitasunik ez duen alkate» bilakatu da, «inoren botorik ez daukana». Horregatik, dimisioa «lehenbailehen» emateko eskatu diote: «Hurrengo egunean dimisioa ematea ere bazeukan, Bermeoko alkateak egin zuen bezala».
Alkatea izendatzeko osoko bilkuran, Gorroño ez zen argi mintzatu horren inguruan. Bere hitzaldiaren pasarte batean, esan zuen «gutxi gorabehera hilabete baten buruan» emango zuela dimisioa, baina geroago iradoki zuen «hilabete eta erdi edo bi hilabete» igaro zitezkeela dimisioa eman aurretik. EAJ ez dago ados akordioaren interpretazio horrekin, eta uste du hilabetea igarota dimisioa eman behar duela. Gainera, hitzaldi horretan Gorroñok iragarri zuen Iñaki anaia izango zela bere ordezkoa: orain, EAJren eledunak esan du hori ez zegoela hitzartuta.
«Errespetua» eskatu du Gorroñok
Gorroñok elkarrizketa eman du Euskadi Irratian, eta han esan du kargua uzteko asmoa duela, baina ardura hartu zuenean «zabalik» utzi zuela horretarako epea: «Ez nuen data zehatzik eman, eta hor daude saioaren aktak diodana frogatzeko». Dimisioa eman aurretik «trena bere lekuan jarrita» utzi nahi du. Irazabali, berriz, «errespetua» eskatu dio.
|
2023-7-18
|
https://www.berria.eus/albisteak/230833/auzitegi-batek-atzera-bota-du-abortua-mugatzeko-legea-iowan.htm
|
Mundua
|
Auzitegi batek atzera bota du abortua mugatzeko legea Iowan
|
Aurreko astean, Iowako Alderdi Errepublikanoak sei astera mugatu zuen abortua; astebete geroago, Polk konderriko Joseph Seidlin epaileak atzera bota du legea. Ondorioz, abortatzeko hogei aste edukiko dituzte emakumeek AEBetako estatu horretan.
|
Auzitegi batek atzera bota du abortua mugatzeko legea Iowan. Aurreko astean, Iowako Alderdi Errepublikanoak sei astera mugatu zuen abortua; astebete geroago, Polk konderriko Joseph Seidlin epaileak atzera bota du legea. Ondorioz, abortatzeko hogei aste edukiko dituzte emakumeek AEBetako estatu horretan.
|
Aurreko asteazkenean, Alderdi Errepublikanoak abortua 22 astetik sei astera mugatzea erabaki zuen Ameriketako Estatu Batuetako Iowa estatuan. Gaur, estatu horretako Polk konderriko Joseph Seidlin epaileak bertan behera utzi du lege hori. Horrela, lehen bezala, hogei aste edukiko dituzte abortatzeko aurrerantzean ere. Ez da lehen aldia Alderdi Errepublikanoak Iowan abortua murrizteko lege bat proposatzen duela; 2018an ere proposamena egin zuen.
2022ko ekainaren 24an, Misisipin abortua debekatu zuten haurdunaldiaren hamabosgarren astetik aurrera. Horrek Roe vs Wade epaia baliogabetu zuen, zeinak 1973an AEBetan abortua eskubide konstituzionala bihurtu baitzuen. Misisipin erabaki hori hartu zenetik, beste hamalau estatutan debekatu dute abortua, eta beste batzuetan epea murriztu dute.
Iowan, Kim Reynolds buru duen alderdiak, sei astera mugatu nahi du abortua. Aurreko astean onartu zen legeak medikuei galarazten die abortua egitea fetuaren bihotza taupadaka hasi bada. Normalean, fetuen taupadak seigarren astetik aurrera hasten dira; emakume gehienak geroago konturatzen dira haurdun daudela.
Reynoldsek hau esan zuen legea sinatzean: «Aste honetan, arraroa eta historikoa izan den saio honetan, Iowako Parlamentuak bigarren aldiz bozkatu du uko egitea abortuaren gizagabetasunari, eta taupada fetalaren legea bermatzea». Hala ere, lege honek salbuespenak ere bazituen: haurdun dagoen emakumearen bizitza arriskuan dagoenean edo umearen bizitza arriskuan dagoenean. Salbuespenen kasuetan sartzen dira, era berean, bortxaketa batengatik haurdun gelditu eta 45 egun baino lehen salaketa jartzen dutenak, edo intzestuz haurdun geratu eta 140 eguneko epean salatzen dutenak.
|
2023-7-19
|
https://www.berria.eus/albisteak/230835/muturreko-bero-bolada-eta-sute-handiak-izaten-ari-dira-ipar-hemisferioan.htm
|
Mundua
|
Muturreko bero bolada eta sute handiak izaten ari dira Ipar hemisferioan
|
Inoizko tenperaturarik beroenak erregistratzen ari dira Europan, Asian eta Ipar Amerikan. Grezian 3.000 hektarea kiskali ditu suak, eta bost herri ebakuatu behar izan dituzte. John Kerry eta Wang Yi Pekinen batzartu dira, eta klima aldaketa izan dute hizpide.
|
Muturreko bero bolada eta sute handiak izaten ari dira Ipar hemisferioan. Inoizko tenperaturarik beroenak erregistratzen ari dira Europan, Asian eta Ipar Amerikan. Grezian 3.000 hektarea kiskali ditu suak, eta bost herri ebakuatu behar izan dituzte. John Kerry eta Wang Yi Pekinen batzartu dira, eta klima aldaketa izan dute hizpide.
|
Berotze globalak eragindako muturreko ondorioak gero eta gehiago nozitzen ari dira munduan azken asteotan, bereziki Ipar hemisferioan; beroak gogor jo ditu Europa, Asia eta Ipar Amerika, inoizko tenperaturarik beroenak erregistratzeraino; Kaliforniako (AEB) Heriotzaren haraneko basamortuan, esaterako, 53 gradu zentigradura heldu zen igandean; 52,2 gradu egin zituen Txina ipar-mendebaldeko Sanbao hirian atzo; eta 48 gradu erregistratu dituzte egunotan Europa hegoaldean. Bero sapa dela eta, osasun agintariek alarmak piztu dituzte, eta ura sarri edateko eta etxean geratzeko deia egin diete herritarrei.
Arduratuta daude Phoenixeko herritarrak ere, AEBetako Arizona estatuko hiri horretan bero handia egitea ohikoa den arren. 45,5 gradu egin zituen astelehenean, baina hemezortzi egun daramatza 40 gradutik gora egiten, inoiz baino gehiago. Horiek horrela, erreskateko taldeek 11 hozte zentro ireki dituzte, eta unitate mugikor bat bidali dute zentroetara heltzeko zailtasunak dituztenei laguntzeko. «Muturreko beroa Arizonako hondamendi naturala da», esan du Scott Johnsonek, AEBetako ipar-mendebaldeko estatuko eledun batek. Gutxienez 425 pertsona hil ziren iaz beroaren ondorioz.
Antizikloiak aire oso beroa eraman du Afrikatik Europa aldera, eta tenperaturek nabarmen egin dute gora Mediterraneoan. Italian, adibidez, 48 gradu inguruko tenperatura maximoak espero dira datozen egunetan, batez ere Sizilia eta Sardinia uharteetan, eta marka historikoak gaindituko dira herrialdeko zenbait lekutan, ESA Europako Espazio Agentziaren arabera; Erroman, 42 gradura helduko da gaur. Bero boladak kezka eragin du Alpeetan ere; izan ere, litekeena da itsas mailatik 1.500 metrora maximoak 28 eta 30 gradu artean ibiltzea.
Bero olatuak Balkanetako penintsula ere harrapatu du; 40 gradutik gorako tenperaturak erregistratu dituzte Albanian, Bosnia eta Herzegovinan, Eslovenian, Kosovon, Kroazian, Montenegron eta Serbian. Tiranako herritarrei laguntzeko, urez betetako zisternak ezarri dituzte Albaniako hiriburuko kale nagusietan. Iazko udan, 61.000 lagun inguru hil ziren Europan osoan bero olatuaren eraginez.
Muturreko tenperaturek, gainera, handitu egiten dute baso suteak izateko arriskua. Hain zuzen, hiru sute handi itzali nahian dabiltza Grezian, Atenastik 35 kilometro ingurura. Haize bortitzen eraginez, suhiltzaileek zailtasun handiak dituzte sua kontrolatzeko, eta, guztira, 3.000 hektarea kiskali dira, agintariek emandako azken datuen arabera. Horrez gain, bost herri ebakuatu behar izan dituzte, tartean 1.200 haur zeuden kanpaleku bat.
«Gero eta ohikoagoak»
«Muturreko fenomeno meteorologikoak gero eta ohikoagoak dira gero eta klima beroagoan, eta ondorio handiak izaten ari dira gizakien osasunean, ekosistemetan, ekonomian, nekazaritzan, energian eta ur hornikuntzan», ohartarazi du Munduko Meteorologia Erakundeko idazkari nagusi Petteri Taalasek. Bide horretan, erantsi duenez, «gero eta premia handiagoa dago berotegi gasen isuriak ahalik eta azkarren eta sakonen murrizteko».
Aurtengo ekaina inoizko beroena izan ondotik —16,51 gradu, batez beste—, uztaileko lehen egunetan munduko batez besteko erregistroak daudenetik jasotako tenperaturarik altuenak erregistratu zituzten; hilaren 4an, inoizko tenperaturarik beroena erregistratu zuen NCEP Ameriketako Estatu Batuetako Ingurumen Iragarpenen Agentzia Nazionalak: 17,18 gradu, batez beste. Hilaren 6ko egunak, ordea, marka hori gainditu zuen: 17,23 gradu, AEBetako Maineko Unibertsitateak jasotakoaren arabera. Bide horretan, uztailaren 3tik 9ra bitarteko astea inoizko beroena izan zen tenperaturaren erregistroak daudenetik, eta, itxura guztien arabera, hilabeterik beroena izango da uztaila.
Txinaren eta AEBen bilera
Zientzialariak baieztatzen ari dira gero eta urrunago dagoela munduko tenperatura 1,5 gradu baino gehiago ez igotzeko helburua. Bada, muturreko fenomenoek behartu egin dituzte Txina eta AEBak klima aldaketari buruz hasitako elkarrizketei berriz heltzera. Hain zuzen, AEBetako klimarako mandatari John Kerry Pekinen izan da gaur, Txinako Atzerri Gaietarako Batzorde Zentralaren zuzendari Wang Yirekin batzartzeko. Kerryk «lankidetzarako» deia egin dio Wangi, besteak beste, metano isuriak eta ikatzarekin elikatutako energia murrizteko «neurri bateratuak» hartzeko.
Eta baita munduko berotegi gas gehien isurtzen duten bi herrialdeen arteko harreman diplomatiko korapilatsuak baretzeko ere. AEBetako klimarako mandatariak nabarmendu du klimari buruzko elkarrizketa «hasiera berri bat» izan daitekeela Washingtonen eta Pekinen arteko harremana hobetzeko, Taiwango merkataritza, teknologia eta uharteko autogobernuari buruzko eztabaidetan murgilduta egon baitira.
Txinako Atzerri Ministerioak kaleratutako oharraren arabera, berriz, Wangek nabarmendu du «garrantzitsua» dela bi herrialdeen arteko harremanak «egonkortzea», eta beharrezkoa dela «interferentzia guztiak ezabatzea, garapenerako bidera itzultzeko». Horregatik, Wangen esanetan, Txina «prest dago elkarrizketa indartzeko, elkarrekiko lankidetza onuragarria aztertzeko eta klima aldaketari batera heltzeko».
Azken asteetan Txinara joan den hirugarren goi kargudun estatubatuarra da Kerry, Antony Blinken Estatu idazkariaren eta Janet Yellen Altxorreko idazkariaren ondotik. Iaz, Pekinek harreman batzuk eten zituen Etxe Zuriarekin —tartean, gai klimatikoei buruzko harremanak— , Nancy Pelosi Ordezkarien Ganberako presidente ohiak (2019-2023) abuztuan Taiwanera egindako bisitak eragindako haserrearen ondorioz —Asiako erraldoiarentzat, uhartea Txinaren parte da—.
Orduz geroztik sorturiko arazoek bi potentzien arteko harremanak astindu dituzte; besteak beste, Txinak ustez espioitzarako erabilitako aerostato bat AEBetako aire eremuan atzeman zutenean —urte hasieran—. Egoera horretan, Etxe Zuriko maizter Joe Bidenek «diktadoretzat» jo zuen Txinako presidente Xi Jinping. AEBetako estatuburuaren hitzak ez zituzten batere ongi hartu Pekinen. Gobernuaren esanetan, adierazpen horiek «Txinaren duintasun politikoa urratzen dute, eta probokazio politiko hutsa da».
|
2023-7-18
|
https://www.berria.eus/albisteak/230836/espainiako-auzitegi-nazionalak-aske-utzi-du-itxaso-zaldua.htm
|
Politika
|
Espainiako Auzitegi Nazionalak aske utzi du Itxaso Zaldua
|
Orain dela hiru urte atxilotu zuten, Manuel Gimenez Abad Aragoiko PPko presidentearen hilketarekin lotuta. Gorka Loran presoa ere aske geratu da.
|
Espainiako Auzitegi Nazionalak aske utzi du Itxaso Zaldua. Orain dela hiru urte atxilotu zuten, Manuel Gimenez Abad Aragoiko PPko presidentearen hilketarekin lotuta. Gorka Loran presoa ere aske geratu da.
|
Espainiako Auzitegi Nazionalak aske utzi du Itxaso Zaldua. 2020an atxilotu zuten, 2001ean Aragoiko PPko presidente Manuel Gimenez Abaden hilketarekin lotuta. Mikel Karrerarekin batera epaitu dute, Madrilen, eta fiskaltzak 30 urteko espetxe zigorra eskatu du bientzat. Gaur, ordea, Zaldua aske utzi du, behin-behinean espetxeratzeko agindua bertan behera utzita.
Zaldua espetxean egon zen 2005etik 2017ra ETAko kide izateagatik. Gaur egun, baina, Gimenez Abaden hilketa leporatuta zegoen espetxean, behin-behinean. «Epaiketan entzundakoaren ondorioz» hartu du aske uzteko erabakia Auzitegi Nazionalak. Zalduaren abokatuak absoluzioa eskatu du haren kontrako frogarik ez dagoela argudiatuta. Eta epaia eman bitartean behin-behineko espetxeratze agindua bertan behera uzteko eskatu zuen.
Zaldua 2020ko uztailaren 21ean atxilotu zuten berriro, Hernanin (Gipuzkoa).
Bestalde, Gorka Loran Hernaniko (Gipuzkoa) presoa baldintzapean aske geratu da, hogei urtez kartzelan egon eta gero.
|
2023-7-18
|
https://www.berria.eus/albisteak/230837/beste-kamioilari-bat-hil-da-nafarroan-n-121-errepidean.htm
|
Ekonomia
|
Beste kamioilari bat hil da Nafarroan, N-121 errepidean
|
N-121 errepidean izan da ezbeharra, Murillo el Cuende (Nafarroa) herrian. 56 urte zituen gidariak
|
Beste kamioilari bat hil da Nafarroan, N-121 errepidean. N-121 errepidean izan da ezbeharra, Murillo el Cuende (Nafarroa) herrian. 56 urte zituen gidariak
|
Kamioi bat N-121 errepidetik irten da gaur, Murillo el Cuende herrian, eta irauli egin da. Istripuan bizia galdu du kamioi gidariak. 56 urte zituen, eta istripua jazo den lekuko ondoko herrikoa zen, Faltzeskoa (Nafarroa).
Aurten Euskal Herrian hil den seigarren kamioilaria da. Istripuaren ostean, Foruzaingoak errepidea itxi du, eta N-113 errepidera bideratu du trafikoa.
|
2023-7-18
|
https://www.berria.eus/albisteak/230838/athleticekin-eta-chivasekin-joka-dezakeen-atezaina-bere-senideekin-elkartu-da-mexikon.htm
|
Kirola
|
Athleticekin eta Chivasekin joka dezakeen atezaina bere senideekin elkartu da Mexikon
|
Alex Padilla Zarautzen jaiotakoa da, baina Mexikokoa du ama, eta han bizi izan zen zazpi urtez. Athletic han ari da egiten denboraldiaurrea.
|
Athleticekin eta Chivasekin joka dezakeen atezaina bere senideekin elkartu da Mexikon. Alex Padilla Zarautzen jaiotakoa da, baina Mexikokoa du ama, eta han bizi izan zen zazpi urtez. Athletic han ari da egiten denboraldiaurrea.
|
Ostiralean heldu zen Athleticen lehen taldea Guadalajarara (Mexiko). Aireportuan baziren hainbat zale jokalarien zain, baina ikusminik handiena ez zuten sortu Muniainek, Nico Williamsek, Unai Simonek eta konpainiak, baizik Alex Padilla (Zarautz, Gipuzkoa, 2003). Iaz zuri-gorrien bigarren taldean jokatu zuen atezainak Camargokoa du ama (Chihuahua, Mexiko), eta, Zarautzen jaio zen arren, han bizi izan zen zazpi urtez. AEB Ameriketako Estatu Batuetan beste bi urtez bizi ostean itzuli zen Euskal Herrira. Jokalariak, ordea, baditu hainbat senide Mexikon, eta familiak elkartzeko baliatu du parada.
Topaketa baliatuta, Athleticek bideo bat argitaratu du. Han, jokalariak eta Iñaki Padillak, aitak —izatez Bergarakoa (Gipuzkoa), baina Zarautzen bizi da—, euskara hutsean azaldu dute bizitzen ari direna. Amak ere, Armida Perezek, egiten ditu hitz batzuk euskaraz. «Bai, ni mexikarra naiz, eta oso harro gaude; amets bat da, izugarria», dio, semearen ondoan.
Padillak iaz ere egin zuen denboraldiaurrea lehen taldearekin, baina aurtengoa berezia dela aitortu du: «Aireportuan, nire senideak ikusi nituenean, horrenbeste sentimendurekin, shock-ean geratu nintzen; oso pozik nago, oso gustura».
Bideoan hunkituen ageri dena, ordea, atezainaren amona da. «Sari zoragarria da, ezta? Nik oso pozik ikusten dut Alex. Zorionekoak gara, egia esan», dio bideoan. Harekin izan dira lau osaba eta hainbat lehengusu. Gehienek sei urte inguru zeramatzaten Alex ikusi gabe, Mexikon izan zen azken alditik. Atezainarentzat «ahaztezina» da senideak elkartuta ikustea, bera Athleticekin jokatzen ari den bitartean.
Athleticen eta Chivasen filosofia
Igandean, Gernikako Arbola garaikurraren itzulerako partida jokatu zuten Athleticek eta Guadalajarako Chivasek. San Mamesen 2-0 irabazi zuten euskaldunek, baina Akron estadioan mexikarrak izan ziren nagusi, kasu horretan ere 2-0. Azkenean, penaltietan, etxekoak hobeak izan ziren, eta haientzat izan zen garaikurra. Kontuan izan behar da denboraldiaurrea hasi berri dagoela Athletic, eta Chivasek, berriz, ligako hiru jardunaldi jokatu dituela jada. Bihar Necaxaren aurka ariko da Ernesto Valverderen taldea.
Athleticek eta Chivasek zuri-gorriz jokatzen dute, baina badute beste gauza bat ere amankomunean: filosofia. Athleticek Euskal Herriko, euskal jatorriko edo euskal harrobiko jokalariekin jokatzen du, eta Chivasek gauza bera egiten du, baina jokalari mexikarrekin. Padillak bi taldeekin jokatzeko aukera du, beraz. Ikusteko dago zein izango den atezainaren ibilbidea etorkizunean; aurten, oraingoz, Athleticen bigarren taldean jokatuko duela dirudi.
|
2023-7-18
|
https://www.berria.eus/albisteak/230839/espainiak-194-milioi-euroko-isuna-jarri-die-apple-eta-amazoni-lehiakortasuna-mugatzeagatik.htm
|
Ekonomia
|
Espainiak 194 milioi euroko isuna jarri die Apple eta Amazoni, lehiakortasuna mugatzeagatik
|
Hirugarren saltzaile batzuk merkatu digitaletik kanpo uztea egotzi die bi multinazionalei Espainiako Merkatuen eta Lehiakortasunaren Batzordeak
|
Espainiak 194 milioi euroko isuna jarri die Apple eta Amazoni, lehiakortasuna mugatzeagatik. Hirugarren saltzaile batzuk merkatu digitaletik kanpo uztea egotzi die bi multinazionalei Espainiako Merkatuen eta Lehiakortasunaren Batzordeak
|
Enegarren isuna jarri diete enpresa teknologiko handiei Europan. CNMC Espainiako Merkatuen eta Lehiakortasunaren Batzordeak 194 milioi euroko isuna ordaintzera zigortu ditu Amazon eta Apple AEB Ameriketako Estatu Batuetako enpresei. Batzordearen arabera, hainbat akordio sinatu zituzten enpresa biek 2018an, Amazonen merkatu digitalean Applek eta harekin lotura duten saltzaileek posizio pribilegiatua izateko eta hirugarren saltzaileak ezkutatzeko.
Zehazki bi kontratu sinatu zituzten enpresek, Amazon Appleren banatzaile baimendua izateko. Hala, batzordearen ustez, Apple eta harekin harremana duten saltzaileek soilik saldu zitzaketen enpresaren produktuak Amazonen Espainian, eta ondorioztatu du Amazon erabiltzen duten saltzaileen %90 online merkatu nagusitik kanpo geratu zirela. Antza, kontratu horien aurretik saltzaile txiki horiek ziren Amazonen Appleren produktu gehienak saltzen zituztenak.
Hala, batzordearen arabera saltzaileen arteko lehia apaldu egin zen, eta, prezioak igotzeaz gain, salmenta guztiak Appleren eskuetan geratu ziren. Beste marka gehienek, baina, ez zuten halako kontraturik, eta, saltzaile txikien arteko lehiak hor jarraitzen zuenez, ez ziren horrenbeste igo prezioak.
Appleri 143,6 milioi euroko isuna jarri diote, eta Amazoni, berriz, 50,5 milioi eurokoa. Amazonek adierazi du ez dagoela ados CNMCaren epaiarekin.
XXI. mendean munduko enpresa baliotsuenak bihurtzen ari diren enpresa teknologikoak etengabe ari dira topo egiten Europako epaitegiekin, eta milioika euroren isunak ordaintzera zigortzen dituzte tarteka. Suediako Spotify musika plataforma izan zen azkena, eta Metari, Mark Zuckerbergen enpresari, inoizko isunik handiena jarri zioten maiatzean EBn: 1.200 milioi euro. Urtarrilean ere 390 milioi euro ordaintzera zigortu zuten.
Normalean, bi kontugatik jartzen dizkiete halako enpresei isunak: gehienek datuen pribatutasunarekin zerikusia dute, epaitegiek behin baino gehiagotan ebatzi baitute datuak babesteko neurriak urratzen dituztela enpresa horiek. Bestalde, lehiakortasuna arautzen duten legeak haustea ere egotzi diete behin baino gehiagotan.
|
2023-7-18
|
https://www.berria.eus/albisteak/230840/beldurraren-aurrean-itxaropena-aldarrikatu-du-eh-bilduk-gernikan.htm
|
Politika
|
Beldurraren aurrean «itxaropena» aldarrikatu du EH Bilduk Gernikan
|
«Frankismoaren oinordekoei» aurre egitera deitu du Arnaldo Otegik 1936ko estatu kolpearen urteurrenean
|
Beldurraren aurrean «itxaropena» aldarrikatu du EH Bilduk Gernikan. «Frankismoaren oinordekoei» aurre egitera deitu du Arnaldo Otegik 1936ko estatu kolpearen urteurrenean
|
EH Bilduk Gernika-Lumon (Bizkaia) egin du ekitaldi politikoa, 1936ko estatu kolpearen urteurrenean. Data hori gogoan, «frankismoaren oinordekoen aurrean» ez direla erdibidean geldituko agindu dute EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik eta Espainiako Kongresurako hautagai Mertxe Aizpuruak, eta eskuinaren oldarraldiari kontra egiteko haien proposamena berretsi dute: «Eskuinaren aurrean, eskubide gehiago. Zentralizazioaren aurrean, subiranotasun handiagoa. Autoritarismoaren aurrean, askatasunak. Beldurraren aurrean, itxaropena. Etsipenaren aurrean, ilusioa».
Otegik esan du alde batean «Errepublikaren aurka altxatu zirenen oinordekoak» daudela, eta beste aldean, berriz, «herriak eta haien subiranotasuna» defendatu zituztenak: «Guk argi daukagu non egon ginen eta non egongo garen». Berriro nabarmendu du beharrezkoa dela indar politiko guztiek «argi azaltzea» zertan erabiliko dituzten datorren igandeko hauteskundeetan lorturiko botoak, eta EH Bilduren kasuan, boto horiek «eskuinen kontrako bermea» izango direla: «EH Bilduren aldeko botoa Euskal Herriaren eskubideak eta askatasunak defendatzeko eta zabaltzeko bermea da».
Aizpuruak ere gogora ekarri du 1936ko uztailaren 18an gertatutakoa, eta esan du orduan Euskal Herria «jendearen eskubideen eta askatasunen alde» agertu zela. Esan duenez, EH Bilduk «subiranotasuna eta askatasunak» defendatuko ditu Espainiako Gorteetan, eta subiranotasuna «euskal herritarren bizitza hobetzeko politika publikoen bidez» gauzatzen dela: «Subiranotasuna bizi ahal izateko soldata bat da, pentsio minimo eta duina, gure portuak edo tren azpiegiturak kudeatzea. Enplegu politika, gizarte segurantza edo migrazio politikak ere badira subiranotasuna».
Aizpuruaren ustez, subiranotasuna «premia» da, «eredu sozial eta ekonomiko justu, zuzen eta aurreratu bat eraikitzeko tresnak» eskaintzen dituelako. Horregatik, hura defendatzeko prest azaldu da Euskal Herria «1936ra atzera eraman nahi dutenen aurrean».
|
2023-7-18
|
https://www.berria.eus/albisteak/230841/vingegaardek-kolpe-handia-eman-du-erlojuaren-aurka.htm
|
Kirola
|
Vingegaardek kolpe handia eman du erlojuaren aurka
|
Maillot horidunak 1.38 atera dio Pogacarri 22 kilometro eskaseko saioan, eta eskura du orain Tourra. Bilbaok laugarren denborarik onena egin du, eta Adam Yates hirugarren jarri da nagusian
|
Vingegaardek kolpe handia eman du erlojuaren aurka. Maillot horidunak 1.38 atera dio Pogacarri 22 kilometro eskaseko saioan, eta eskura du orain Tourra. Bilbaok laugarren denborarik onena egin du, eta Adam Yates hirugarren jarri da nagusian
|
Mendietan izan ez diren aldeak sortu ditu erlojupekoak. Tourreko bakarkako saio bakarra izan da, eta Jonas Vingegaardek (Jumbo) txikitu egin du Tadej Pogacar (UAE). 10 segundo eskaseko aldea zegoen bien artean; bada, danimarkarrak 1.38 atera dio gaur esloveniarrari. Aspaldian erlojuaren aurka ikusi den erakustaldirik handiena izan da. Pogacarrek oso saio ona osatu du, baina lasterketako liderra beste dimentsio batean aritu da. Mugarriz mugarri, denbora atera dio haren aurkari nagusiari, eta kolpe handia eman du Tourra irabazteko lehian. Pogacar 1.48ra du orain sailkapenean. Esloveniarrak miraria beharko du gelditzen diren mendiko etapetan iraultza egiteko.
Erlojupekoak aldaketa aipagarri bat ere eragin du sailkapeneko onenen artean: Adam Yatesek (UAE) hirugarren postua kendu dio Carlos Rodriguezi (Ineos). Bost segundo besterik ez daude orain podiuma osatzeko bi hautagai nagusien artean. Pello Bilbaok (Bahrain) nahiko urrun du borroka hori, baina saio handia osatu du gaur. Hainbeste, ezen Vingegaard eta Pogacarren ondotik denborarik onena egin duen faboritoa izan baita: laugarren izan da, 2.55era. Zazpigarren postuari eutsi dio nagusian, eta hurbildu egin zaie Sepp Kussi (Jumbo) eta Jai Hindleyri (Bora). Jonathan Castroviejok (Ineos) ere lan txukuna egin du: 11. sailkatu da, 3.36ko atzerapenarekin.
22 kilometroko saio gorabeheratsua izan dute Passy eta Coumbloux artean. Hasieran koska txiki bat zegoen, eta amaieran, Domacyko igoera (2,5 kilometro eta %9,4ko pendiza). Tontorrera iritsita, azken hiru kilometroak ere maldan gora egin beharrekoak ziren.
Lehen 40 txirrindulariak ez dira gai izan 37 minututik jaisteko. Mads Pedersen (Lidl) izan da muga hori apurtu duen lehena: 36.06. Esprinterra izanagatik, lan txukuna egin du amaierako aldapan. Alabaina, azkarrenaren aulkian esertzeko astirik ere ez du eduki, berehala helmugaratu baita Remi Cavagna (Soudal), 35.42ko denbora eginda. Frantziarra iaioa da erlojuaren aurka, eta haren markak, Pedersenenak ez bezala, luzaroan iraun du indarrean.
Txirrindulari batzuk lasai joan dira, datozen egunetarako indarra gorde nahirik, eta beste batzuek erreferentziak hartu dituzte taldeburuentzat. Tarte luze batez, Mikkel Bjerg (UAE) izan da igoeraren aurretik bizikleta aldatu duen bakarra. Beste guztiek bizikleta adardunarekin egin dute maldan gora. Stefan Kueng (Groupama) izan da aldatzeko apustua egin duen hurrengoa. Espezialista suitzarrak sei segundoan ondu du Cavagnaren denbora lehen mugarrian, baina behera egin du hortik aurrera, eta bizikleta arinak ez dio askorik lagundu: 52 segundo galdu ditu helmugan.
Indarrak bukaerarako gorde ditu Wout van Aertek (Jumbo). Cavagnaren atzetik izan da lehen bi mugarrietan, baina estutu egin du maldan gora, eta 15 segundoan hobetu du helmugan frantziarraren denbora. Flandiarrarena hirugarren markari onena izan da azkenean. Ezin izan dio eutsi lasterketako bi ziklistarik indartsuenen joari.
Pogacarrek denborarik onena ezarri du mugarri guztietan, baita helmugan ere, baina alferrik izan da. Azken aldaparen aurretik bizikletaz aldatzeak ere ezer gutxirako balio izan dio. Azkar joatea ez zen aski, Vingegaard suziri bat izan baita. Zazpi kilometroan 16 segundo atera dio; hamasei kilometroan, 31; eta Domancy gainean 1.05eko errenta zuen jada. Danimarkarrak bizikleta astunarekin egin du igoera. Gutxi inporta izan dio; hegan zihoan.
Tour honetako mendiko etapa nagusia jokatuko dute bihar, Saint-Gervais eta Courchevel artean. 165 kilometroan 5.100 metro pilatuko dituzte maldan gora, lau igoerarekin: Saisies, Roselend, Longefoy eta Loze. Azken hori aurtengo Tourreko mendaterik garaiena da, 28 kilometro ditu, eta azken bost kilometroetan pendiza %9tik gorakoa da. Han lehertuko da faboritoen arteko borroka, lehenago Pogacar lasterketa hankaz gora jartzen saiatzen ez bada.
|
2023-7-18
|
https://www.berria.eus/albisteak/230842/sindikatuek-mobilizazioei-ekingo-diete-ehuk-ezarritako-ordezkapen-politika-salatzeko.htm
|
Gizartea
|
Sindikatuek mobilizazioei ekingo diete EHUk ezarritako ordezkapen politika salatzeko
|
Euskal Herriko Unibertsitateak, bere aldetik, ez du bat egiten sindikatuek esandakoarekin eta adierazi dute orain arte ahalegindu direla ordezkorik ez kontratatzen arduraldi partzialean
|
Sindikatuek mobilizazioei ekingo diete EHUk ezarritako ordezkapen politika salatzeko. Euskal Herriko Unibertsitateak, bere aldetik, ez du bat egiten sindikatuek esandakoarekin eta adierazi dute orain arte ahalegindu direla ordezkorik ez kontratatzen arduraldi partzialean
|
ELA, LAB eta Steilas sindikatuek prentsaurreko bateratu bat egin dute gaur goizean EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolan. Sindikatuek gaitzetsi dute EHUren ordezko irakasleen politika berria. Duela bi aste, irakasleek eta ikertzaileek elkarretaratzea egin zuten Bizkaia aretoaren aurrean (Bilbo) barruan klaustroa bildu zela baliatuz. Irakasleek eta ikertzaileek lanaldi osoko ordezkapenak «desagerraraztea» egotzi zioten EHUri. Hori dela eta, sindikatuak EHUko errektoretzarekin bildu ziren atzo, eta zuzendaritzaren jarrera «ezkorra» ikusita mobilizazioak planteatzen ari dira datorren ikasturteari begira. Gauzak horrela jarraituz gero, sindikatuek ez dute greba deialdia baztertzen.
Espainiako Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoaren (LOSU) 80. artikuluak polemika sortu du sindikatuen eta unibertsitatearen artean. Sindikatuek egotzi diote EHUko errektoretza taldeari «era murritzean» eta «bere erara» interpretatzen ari dela legearen 80. artikulua. LOSU legea martxoan sartu zen indarrean eta 80. artikuluak ordezko figuraren ezaugarri batzuk ezartzen ditu. Bere garaian LABek esan zuenez, ordezko irakasleak irakaskuntzara mugatu izatea da artikuluaren ezaugarririk garrantzitsuena. Modu horretan, ordezko irakasleei ukatzen zaizkie ikerketa lana eta egiturazko kudeaketa lana.
Horrekin batera, sindikatuek salatu dute EHUko errektoretza egiten ari den LOSU legearen «irakurketa interesatua». ELA sindikatuko ordezkari Peio Lozanok adierazi duenez, EHU, egoera ikusita, hasi da ordezkapen kontratu oro lanaldi partzialean egiten. Gainera, Lozanok azaldu du irakasle zein ikertzaileen lan hitzarmenak eta 41/2008 dekretuak ahalbidetzen dutela kontratuak arduraldi osokoak izan daitezela.
ELAko ordezkariak salatu du, EHUk horrela jardunez gero, ordezko ikasleen soldata baxuagoa izango dela lanean izango duten zamarekin alderatuta. Hain zuzen, soldata osoaren %34,29 ordainduko zaie gehienez jota. Bestalde, gizarte segurantzan proportzio berdinean kotizatuko dute ordezkoek eta beren urteko soldata gordina 7.584 eta 11.360 euro artean egongo da, astean emandako klase kopuruaren arabera; hots, 800 euro inguruko soldata hilabetean. «Baldintza horietan EHU jada hasi da amatasun baimen zein bajen ordezkapenak era horretara egiten», adierazi du Lozanok.
EHUk abian jarri duen ordezkapen politikak ondorio larriak ekarriko dituela ohartarazi du Patxi Azpillaga Steilas sindikatuko ordezkariak. Azpillagak azaldu duen bezala, alde batetik, lanaldi partzialean jardungo duten irakasleen kopurua areagotuko da, arduraldi osoko irakasle baten herena kobratuz, alegia, soldata 800 eurotik beherakoa izan daitekeena. Bestetik, sailei irakaskuntzaren antolaketa zailduko zaiela adierazi du Steilaseko ordezkariak. «Handituko dira ikasgai batean hainbat irakasle edukiko dituzten ikasgaiak, askotan, gaian adituak ere ez direnak izango», azpimarratu du Azpillagak.
Horren aurrean, LABeko ordezkaria den Ortzi Akizuk adierazi du hiru sindikatuek exijitzen dutela ordezkapen guztiak (baimenak, bajak, nahitaezko eszedentziak, zaintzarekin lotutako eszedentziak...) «lanaldi osoko kontratuarekin» betetzea. Era berean, EHUri eskatu diote lanaldi partzialeko kontratu kopurua murrizteko.
Bere aldetik, Euskal Herriko Unibertsitateak ez du bat egiten sindikatuek plazaratutako iritziarekin. Unibertsitateak argudiatzen du LOSU legearen 80.1 artikuluak eragotzi egiten duela irakasle ordezkoak «arduraldi osoan» kontratatzea. Dena den, EHUk azaldu du artikulu horren «zuzentzeko proposamena» egin ziela parlamentuko zenbait talderi. «Unibertsitatea orain arte ahalegindu da ordezkorik ez kontratatzen arduraldi partzialean, eta aurrerantzean ere horrela jokatzen ahaleginduko da», adierazi du EHUk.
Ikasturte berria, gatazkatsua
EHUn 650 irakasle kontratatuta daude baja eta baimen ordezkapenak egiteko. Sindikatuen arabera, kontratu horien erdiak inguru jada dira prekarioak, lanaldi partzialekoak, alegia. Ondorioz, EHUko errektoretzak ordezkapen politika aldatu ezean, LAB, Steilas eta ELA sindikatuek iragarri dute euren asmoa mobilizazio kanpaina bat aurrera eramateko datorren ikasturteari begira. LABeko ordezkariak esan duenez, kaltetuek plataforma bat sortu berri dute eta harekin jarri dira harremanetan mobilizazioak antolatzeko asmoz. Akizuk aditzera eman du irailaren 12an, Gasteizen egingo den ikasturte inaugurazioa dela eta, agerraldi bat egingo dutela sindikatuek. Irailetik aurrera, greba egiteko aukera ez dutela baztertzen gaineratu du LABeko ordezkariak.
|
2023-7-18
|
https://www.berria.eus/albisteak/230843/ernaik-botoa-emateko-adina-16-urtera-jaisteko-eskatu-du.htm
|
Politika
|
Ernaik botoa emateko adina 16 urtera jaisteko eskatu du
|
Gazte antolakundeak uste du gazteek 16 urterekin botoen bidez politikan eragiteko «erantzukizuna» dutela. EH Bilduren aldeko botoa eskatu du.
|
Ernaik botoa emateko adina 16 urtera jaisteko eskatu du. Gazte antolakundeak uste du gazteek 16 urterekin botoen bidez politikan eragiteko «erantzukizuna» dutela. EH Bilduren aldeko botoa eskatu du.
|
Hauteskunde garai honetan, bozkatzeko adina 16 urtera jaistea proposatu du Ernaik. Gazteek «belaunaldi erantzukizuna, politikan eragin nahia eta horretarako eskubidea» dutela gailendu dute, eta, politika kalean bultzatzeaz gain, instituzioetan ere gazteek egon behar dutela nabarmendu dute.
Ane Alava Artuch eta June Iartza Almandoz Ernaiko kideek aurkeztu dituzte aldarrikapenak Donostian egin duten prentsaurrekoan. Iritzi dute militantzian oso gazte hasteak gazteok politikan eragiteko nahia erakusten duela; «16 urtetatik aurrera norberaren ekintzen gaineko erantzukizuna, lan munduan sartzeko aukera edo derrigorrezko ikasketa prozesua bukatzen den moduan, esparru guztietan eragiteko gaitasuna eta ahalmena» izan beharko luketela. Bozkatzeko gutxieneko adina esparru guztietan jaistea proposatu dute, eta gaineratu tresna «garrantzitsuena» edo «lehenengo pausoa» izan beharko litzatekeela gazteen eskubideak bermatzeko.
Gaur egungo testuinguru politikoaren «arriskuaz» ohartarazi dute, «faxismoa gailentzen ari baita». Euskararen kontrako erasoak «faxismo» horren oldarraldi orokorraren barruan kokatu dituzte, eta uste dute ez dela soilik fenomeno elektoral bat, «bizitzaren esparru guztietan eragina izaten ari den fenomenoa» baizik. Egungo krisi «anizkoitzen» aurrean —«oldarri faxisten gorakada, krisi klimatikoa...»—, belaunaldi bezala, «ezinbestekotzat» jo dute gazteen ahotsa inoiz baino balio handiagoa izatea: «Krisian hazi eta hezi garen belaunaldia gara, eta bagara nor gure etorkizuna erabakitzeko».
Alavak eta Iartzak diotenez, gazteek badute politikan eragiteko nahia. «Konpromisorik gabeko» gaztearen ustearen aurka, azaldu dute belaunaldi bezala gazteek lidergoa hartu dutela eta antolatuak daudela herri mugimenduetan eta borroka sozial desberdinetan; horien artean aipatu dituzte feminismoa, antifaxismoa, ekologismoa edota euskara. Gaineratu dute gazteak «mobilizatuak» eta «pare-parean» dituzten erronkei erantzuteko prest daudela, eta horrenbestez, «hauteskundeetan ere» egon beharko liratekeela.
Ernaiko kideek ohartarazi dute instituzioek «goitik behera» zeharkatzen dituztela gazteen bizitzak, eta zentzu horretan, kritikatu dute politika oso gutxitan egiten dela gazteei galdetuz: «Alderdiei, oro har, ahoa betetzen zaie gazteriaren inguruan hitz egiten, baina oso gutxitan ematen zaigu aukera hauteskunde batzuetatik haratago politika publikoetan parte hartzeko». Zentzu horretan, uste dute elkarrizketa prozesuen bitartez egin daitezkeela «gazteen errealitatearentzat erabilgarriak» izango diren politikak.
EH Bilduren aldeko botoa
Datorren igandean Espainiako Gorteetarako hauteskundeak egingo dituzte. Eta horri begira, Ernaik EH Bilduren aldeko botoa emateko eskatu du. Izan ere, uste dute EH Bildu dela «prozesu independentistaren alde egin eta euskal herritarren ahotsa Madrilera heltzeko modua».
|
2023-7-19
|
https://www.berria.eus/albisteak/230868/garikoitz-arruarte-euskal-presoa-baldintzapean-aske-geratu-da.htm
|
Politika
|
Garikoitz Arruarte euskal presoa baldintzapean aske geratu da
|
2021. urtean Euskal Herriratu zuten. Ia hogei urte egin ditu kartzelan.
|
Garikoitz Arruarte euskal presoa baldintzapean aske geratu da. 2021. urtean Euskal Herriratu zuten. Ia hogei urte egin ditu kartzelan.
|
Beste euskal preso bat baldintzapean aske geratu dela jakinarazi zuen atzo Etxerat elkarteak. Garikoitz Arruarte Santacruz da; ia hogei urte egin ditu espetxean, 2003ko abendutik.
Arruarte 2020ko uztailean hurbildu zuten Almeriako (Espainia) espetxetik Soriakora (Espainia), eta 2021eko apirilean Euskal Herriratu. Iruñean egin ditu azken bi urteak.
Beste bi euskal preso ere utzi zituzten aske atzo. Bata Gorka Loran Hernaniko presoa da (Gipuzkoa) —Arruarterekin batera atxilotu zuten—, eta baldintzapean aske geratu da; hogei urtez egon da preso. Bestea Itxaso Zaldua da; 2020an atxilotu zuten, Aragoiko PPko presidente Manuel Gimenez Abaden 2001eko hilketarekin lotuta. Mikel Karrerarekin epaitu dute, Madrilen; fiskaltzak 30 urteko espetxe zigorra eskatu du bientzat. Atzo, ordea, bertan behera utzi zuten Zaldua behin-behinean espetxeratzeko agindua.
|
2023-7-20
|
https://www.berria.eus/albisteak/230869/berrotzako-naturaren-erlikiak.htm
|
Bizigiro
|
Berrotzako naturaren erlikiak
|
Sorladako basilika barrokoa, Mendazako artea eta Costalera-Gallet gune malkartsua dira, besteak beste, Berrotzako ibarreko altxorrak. Nazar herritik abiatzen den bideari jarraika, natura oparoa eta makina bat jakingarri ezagutzeko aukera baliatuko du ibiltariak
|
Berrotzako naturaren erlikiak. Sorladako basilika barrokoa, Mendazako artea eta Costalera-Gallet gune malkartsua dira, besteak beste, Berrotzako ibarreko altxorrak. Nazar herritik abiatzen den bideari jarraika, natura oparoa eta makina bat jakingarri ezagutzeko aukera baliatuko du ibiltariak
|
Beti izan da arrazoiren bat Araba herrialdearekin muga egiten duen Berrotza (Nafarroa) ibarrean zehar ibiltzeko. Lizarrako merindadearen erdialdean dago hura, eta lehorreko laborantzak erabat inguratua. Ordokian barreiaturik, hainbat herri eta hiribildu daude: Acedo, Mirafuentes, Sorlada, Piedramillera eta Mendaza, beste batzuen artean. Gallet eta Costalera mendi malkartsuek iparraldeko muga zehazten dute, kareharri kretazeoak nagusi direla. Zinez, harri urdinkara horiek tentagarriak dira malkarrean barna joan-etorrian ibiltzeko. Mendiotako tontorrek edertasuna baizik ez dute lehia.
San Gregorio Ostiense basilika barrokoa Sorlada herriaren gainean altxatzen da. Urtero-urtero bisitari ugari joaten da Piñalbako talaiara Los Arcos eta Sorladako alkateen aginte makilen trukea ikusteko asmoz. Beste batzuek, ordea, ez dute santuaren zilarrezko erlikia ontzia ikusteko aukera galdu nahi. Izan ere, eskualdean ez ezik, geografiaren luze-zabalean ere, oso tradizio handikoak izan dira San Gregorio monje beneditarraren bertute miragarriak. Ostiako (Erroma) apezpikua izaki, izurriteen santua goitizena hartu zen, XI. mendean otien izurritetik libratu baitzuen Nafarroa. Santu babeslea zendu zenean, baina, gorpua asto batean jarri eta animalia gelditzen zen lekuan, hantxe bertan lurperatuko zuten. Halakoxea izan omen zen gizonaren azken nahia. Hortaz, trakatan-trakatan, nora gabe, Piñalbako talaia ederrean bat-batean gelditu zen animalia. Denborak aurrera eginda, Iberiar penintsula osotik lortutako dohaintzekin egungo basilika ikusgarria eraiki zuten.
Ospe handiko altxorrak
Santuaren erlikiak ospe handia hartu zuen berehala. Zilarrezko busto bat sortu zuten 1728an, haren barrualdetik ur miragarria pasarazi eta labore soroetan barreiatzearen kariaz. Erlikia ontziaren ospea hain zen handia, non herri askok —beharrak hala aginduta seguruenik— zilarrezko altxorra hurbil-hurbil izatea eskatzen baitzuten. San Gregorioren buruak, orduan, penintsulan barreneko bidaia miresgarria hasi zuen. Protokolo zehatz bati jarraika, Ostiakoaren buruak herriz herri jarraitzen du gaur egun, ibilbide amaigabeari eutsita.
Berrotza ibarrak beste sekretu bat badauka ezkutu-ezkutuan: hiru hanka sendo dituen arte kurioso bat (Quercus ilex). Mendaza herriaren gaineko parajean dago. Itxuraz, ageriko bakardade batean. Baina ez da norbere baitan biltzeko kontua: herritarrek zuhaitzaren ondora igotzeko ohitura dute, baita hiru hanken artetik zeharkaldi magikoa egitekoa ere. Igualtsu egiten omen zuen aspaldi ganaduak, bizkarraren kilimak baretzeko enbor zimurtsua bezalakorik ez zen eta.
Nazartik Costalerara
Arte ikusgarria. Mendazako erlikia: Hiru Hankako Artea. Azpitik pasatu daiteke. Josean Gil-Garcia
Nazar herrian (Nafarroa) hasiko du ibilbidea. Herrira iristean, eskuinera hartuko du lehen bidebanatzean, eta, eliza aldera jo gabe, kale bazterrean lagako du autoa. PR-NA 189 zidorraren arrastoak ikusiko ditu Loreto auzoko kale banatzean. Izen bereko ermita ezkerrean utzirik, eskuinera hartu eta Nazar mendatera doan bideari oratuko zaio. Nekazari bideak banantzen diren lekuan, eskuinetik segitu eta barrera bat igaro ondoren, ezkerrera okertuko du. Ibilian-ibilian bide zabalak ezkerrera egingo du laster, eta ipar-mendebaldera begira jarriko da ibiltari so egilea. Arte xumeak, erkametz trinkoak, ezpelak, gorostiak eta txarak, besteak beste, bide ondora etorriko zaizkio harrera botanikoaren antzera.
Terraza batean gaindi ibiliko da, Gallet malkartsuari begia kendu gabe. Mazela urratzen jarraituko du leun-leun, lerro berean gailentzen diren hormatzarrak eta ertz zorrotzak parez pare dituela. Aurrerago, futbol zelaitik igotzen den zidorra batuko da basabidera. Mugarritxo batek adieraziko du bidegurutzea. Noranzkoa aldatu gabe jarraituko du, Nazar mendatera jotzen duen bideari ederki oratuta. Poliki-poliki, artadia nagusituz joango da, erkametza atzean uzteaz batera.
Desbideratu gabe, beraz, Nazar mendatera iritsiko da. Santikurutze Kanpezu (Araba) barrutiarekin bat egingo da han goian. Ibernalo baselizan eta Arabako Mendialdeko eskualdean sartu-irtenik egin ordez, eskuinera hartu eta, La Plana, San Kristobal eta Joar aldera doan zidorrari bizkarra emanda, maldan gora egingo du, harkaitzean gaindi. Soka luze bat ikusiko du igoeran; akaso igokariari lagungarri gerta dakiokeelakoan —hobe lurrean bakean utzi—. Hari segika, gandorrera igoko da. Arabako Mendialdeko eskualdea bete-betean harrapatuko da talaia paregabe horretatik.
Pago eta ezpel alorretan
Gandorra korritzen hasiko da gero, mendebalderantz. Malkarra izurtzen ibilita, une batez pago txiki baten aurrean kokatuko da. Zuhaitz apetatsua ez da oharkabean pasatzen diren horietakoa; izan ere, bide erdian altxatzen da, eta bidea oztopatuko du hein batean. Pagoa atzean utzi eta amildegira hurbilduz gero, La Dormida edo Uxerriko artadi trinkoaz gozatzeko aukera paregabea izango du txangolariak. Bidexkara berriz bueltatuta, gandorretik segituko du, harik eta xendak bitan banatzen diren arte. Orduan, Costalera tontor malkartsua inguratzeko, ezkerreko xenda hautatuko du, eta tontorrera zuzen-zuzen doan xenda arriskutsua alboan utziko.
Harritzarrak. Harrizko blokez osatutako monumentua, basilikatik hurren. Josean Gil-Garcia
Costalera mendiko iparraldeko isurialdera igaro bezain pronto, goratasuna galtzen hasiko da, pago eta ezpelen artean. Jaitsiera sigi-sagatsua egin ostean, talaia natural batean jarriko da. Uxerriaz, artadi trinkoaz eta Lokiz mendiguneaz gozatzeko abagune ederra izango du balkoi natural horretatik. Paraje zirraragarria, zinez. Zidorrari ondo-ondo oratuta jarraituko du. Hala, mazelan irekitako terrazak lagunduta, alderik alde zeharkatuko du Costalerako basoa. Harrizko igarobide baten erara irekitako hustubidea da.
Mazelari gortea egiten jarraituta, belardi batera iritsiko da. Leku interesgarria izaten da hura iparraldeko isurialdean barrena eginiko zeharkaldia bertatik bertara ikusteko. Pagadian sartuta, bidaiaria gora eta behera eramango du zidorrak. Azkenik, ezpelak sorrarazitako galeriatik irten berritan, Fuentes Altas iturburura iritsiko da. Hara iritsi baino hamar bat metro lehenago, ezkerretik jarraitzen duen zidorra hartuko du. Laster batean, behin txondor apal batera iritsita, bidexkak eskuinera egin eta gora joko du pago eta ezpelen artean.
Basoa soilduz joan ahala, aurrez aurre gailenduko da Gallet eta Costalera lotzen dituen malkarra, baita harritzak eta pagadi-hariztiak ere. Une batez, mazelako zeharkaldia amaituta-edo, bidexkak eskuinera egin eta lepora iristen lagunduko du. Gandorreko alanbrea gurutzatuko du orduan, eta, ezkerrera eginda, hariaren parean 70 metro inguru egingo ditu. Lepoko hesia berriz gurutzatuta, maldan behera hasiko da, betiere harritzan maskaratutako zidorrari men eginez. Gallet mendiko hormatzarra inguratuta, bidexkak metro dezente galdu ostean, basabidearekin bat egingo du. Igotako bidetik egingo du azken paseoa, edota futbol eremutik doan zidorra aukeratuta.
|
2023-7-19
|
https://www.berria.eus/albisteak/230870/56-urteko-txirrindulari-bat-hil-da-allinen.htm
|
Gizartea
|
56 urteko txirrindulari bat hil da Allinen
|
Lizarratarra da hildakoa. Atzo arratsaldean jazo zen ezbeharra; errepidetik irten, eta lurrera erori zen.
|
56 urteko txirrindulari bat hil da Allinen. Lizarratarra da hildakoa. Atzo arratsaldean jazo zen ezbeharra; errepidetik irten, eta lurrera erori zen.
|
56 urteko txirrindulari lizarratar bat hil zen atzo Allin ibarrean (Nafarroa), errepidetik irten eta lurrera erorita. Nafarroako Foruzaingoak jakinarazi duenez, 19:30ak aldean jazo zen istripua, NA-132A errepideko 3,8 kilometroan, Zubielki herri batzarretik hurbil.
Foruzainen patruila bat eta Nafarroako SOS larrialdi zerbitzuko langileak bertaratu ziren istripua gertatu zen tokira.
|
2023-7-19
|
https://www.berria.eus/albisteak/230872/inoiz-baino-boto-gehiago-posta-bidez-hegoaldean-262132.htm
|
Politika
|
Inoiz baino boto gehiago posta bidez Hegoaldean: 262.132
|
Posta bidezko eskaera guztiak kudeatu dituela esan du Correosek. Uztailaren 23ko hauteskundeetan botoa ematera deitu dituzte 2.308.969 euskal herritar.
|
Inoiz baino boto gehiago posta bidez Hegoaldean: 262.132. Posta bidezko eskaera guztiak kudeatu dituela esan du Correosek. Uztailaren 23ko hauteskundeetan botoa ematera deitu dituzte 2.308.969 euskal herritar.
|
Euskal herritarrek Espainiako Kongresurako 23 diputatu eta Senaturako hamasei senatari aukeratuko dituzte Araba, Bizkai, Gipuzkoan eta Nafarroan, uztailaren 23ko bozetan. Posta bidezko botoen kopurua inoizko handiena izango da. Eusko Legebiltzarrerako 2020ko uztailaren 12ko deialdia da gehien gerturatzen dena datu horietara, pandemiaren gordinean; baina nahiko atzetik: 2020ko boz horietan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erroldaren %7,3k bozkatu zuen formula horren bidez, 125.255 boto emailek, eta ordu arteko marka ezarri zuten.
Guztira, 262.132 herritarrek eskatu dute Hegoaldean posta bidez bozkatzea, eta Espainiako Correosek esan du eskaera guztiak kudeatu dituela, eta eskatzaile gehienek botoa eman dutela jada. 236.101k posta zerbitzuaren bulegoetan bozkatu dute, eta gainerakoek, 25.985k, telematikoki. Lurraldez lurralde erreparatuz gero, Bizkaian egin dute eskaera gehien: denera, 126.188. Gipuzkoan 57.559 eskaera zenbatu dituzte, Nafarroan 47.411, eta Araban 30.928.
Horiek horrela, 2.308.969 herritarrek dute botoa emateko eskubidea Hegoaldean. Errolda horretan daude atzerrian bizi diren euskal herritarrak ere, hain zuzen 110.276 botoa emateko eskubidearekin. Bozkatzeko 1.081 hautesleku zabalduko dituzte, 102 Araban, 340 Bizkaian, 277 Gipuzkoan eta 362 Nafarroan; horietan, 3.652 hauteskunde mahai egongo dira, eta boto emaileek 25,4 milioi boto paper aurkituko dituzte hauteslekuetan jarriko dituzten kabinetan.
Correos, luparen azpian
Uda betean egindako deialdiak posta bidezko botoaren aukera bultzatu du, eta Correosen jarduna luparen azpian jarri du PPk, aditzera emanez bulegoen aurrean sortu diren ilarek islatzen dutela nahita bilatutako utzikeria bat, botoa oztopatzeko. PPren Espainiako presidentegai Alberto Nuñez Feijook behin baino gehiagotan aipatu du aukera hori, eta esan du Correoseko langileei ordu estrak pagatuko dizkietela Espainiako presidente denean, lanerako prestasuna eskatuz haiei, zuzendaritzak bestelako agindu bat eman izan balu bezala.
Correos uztailaren 3an hasi zen boto paperak entregatzen eskaera egindako herritarrei, eta lan hori egin du hilaren 16ra bitarte. Herritarrek, berriz, bihar arteko tartea izango dute botoa Correosen egoitza batean aurkezteko, 22:00ak arte. Correosek 1.584 langile kontratatu ditu Hego Euskal Herrian, hauteskunde prozesuan laguntzeko. Era berean, bulegoetako ordutegiak luzatu ditu, eta asteburuetan ere ireki ditu lau lurraldeetako hainbat bulego.
|
2023-7-19
|
https://www.berria.eus/albisteak/230873/thailandiako-parlamentuak-bigarrenez-eman-dio-ezezkoa-pita-lehen-ministro-izendatzeari.htm
|
Mundua
|
Thailandiako Parlamentuak bigarrenez eman dio ezezkoa Pita lehen ministro izendatzeari
|
Ordezkarien Ganberak eta Senatuak berriz esan diote ezetz Mugitu Aurrera alderdiko buruari. Auzitegi Konstituzionalak diputatu akta kendu dio behin-behinean hautagai sozialdemokratari, ustez hauteskunde legea urratzeagatik. Hamabost eguneko epea du helegitea aurkezteko.
|
Thailandiako Parlamentuak bigarrenez eman dio ezezkoa Pita lehen ministro izendatzeari. Ordezkarien Ganberak eta Senatuak berriz esan diote ezetz Mugitu Aurrera alderdiko buruari. Auzitegi Konstituzionalak diputatu akta kendu dio behin-behinean hautagai sozialdemokratari, ustez hauteskunde legea urratzeagatik. Hamabost eguneko epea du helegitea aurkezteko.
|
Thailandiako Parlamentuak aurreko ostiralean egin zuen Pita Limjaroenrat lehen ministro izendatzeko lehen bozketa, haren Mugitu Aurrera alderdiak maiatzaren 14ko hauteskundeak irabazi ondotik. Bi ganberen artean —Senatua eta Ordezkarien Ganbera— 376 diputaturen babesa behar zuen alderdi sozialdemokratako buruak, baina 53 botora geratu zen lehen ministro izateko. Gaur egin dute bigarren bozketa, eta parlamentuak bigarrenez ezezkoa eman dio Pitaren izendapenari, 394 parlamentarik aurka bozkatu dute; 312k, alde; eta zortzik abstentzioa eman dute.
Parlamentuak erabaki hori hartu aurretik, hain zuzen, Thailandiako Auzitegi Konstituzionalak diputatu akta kendu dio behin-behinean Pitari, hauteskunde batzordeak haren aurka aurkeztutako salaketa bat tramiterako onartzea erabaki ondoren; parlamentuko hautagai gisa erregistratzeko baldintzak ez betetzea egozten zion, eta horiek urratzen zituela jakinda ere aurkeztea. Hala, Mugitu Aurrera alderdiko buruak parlamentua utzi behar izan du, txalo artean. Epaiaren arabera, hautagai sozialdemokratak hamabost eguneko epea du helegitea aurkezteko.
Parlamentuak gaur zuen Pitaren hautagaitza bozkatzeko garaia, eta, zazpi orduz eztabaidan aritu ostean, legegileek bertan behera utzi dute haren izendapena. «Thailandia ez da berdina maiatzaren 14az geroztik. Bide erdia egin dugu herriak irabazi zuenetik, eta beste erdia geratzen zaigu egiteko. Nire eginbeharra bete ezin izan dudan arren, herritarrak zaintzen jarraitzeko eskatzen diet nire kideei», adierazi du politikariak, epailearen aginduari men egitean eserlekua utzi aurretik. Halere, Pita lehen ministro izendatu ahal zuten Senatuak eta Ordezkarien Ganberak, Thailandiako legeen arabera, agintariak ez duelako parlamentuko kide izateko betebeharrik. Ebazpenaren ostean heldu da parlamentuaren ezezkoa.
Hauteskunde batzordeak Pitaren aurka egindako salaketak 2006an du jatorria: 42 urteko enpresariak ITV telebista kateko akzioen %0,0035 jaso zituen oinordetzan —2007an itxi zuten telebista kate hori—. Hauteskundeen legeak, ordea, debekatu egiten du hautagaiek komunikazio enpresa batean akzioak izatea. Auzitegiak Pita erruduntzat jotzen badu, hamar urterainoko espetxe zigorra eta hogei urteko inhabilitazio politikoa ezar diezaiokete hautagaiari. Mugitu Aurrera-ko liderrak, ordea, ukatu egin ditu bere aurkako akusazioak, eta esan du oposizioko alderdiak monarkia «aitzakia» gisa erabiltzen ari direla bere hautagaitza blokeatzeko, «galtzeko beldur» baitira Mugitu Aurrera buru duen gobernuaren aurrean.
Militarrek 2014ko estatu kolpearen ondoren idatziz jasotako arau parlamentarioek eta hori babesten duten indar kontserbadoreek eta monarkikoek zaildu egin dute Pitak gobernua osatzea, maiatzeko bozak gorabehera. Hain zuzen, tokiko hedabideen arabera, Mugitu Aurrera-k «ezustekoa» eman zuen hauteskunde orokorretan, lehen indarra izatea lortuta; botoen %38 eskuratu zituen —hamalau milioi boz—, eta 151 diputatu Ordezkarien Ganberarako. Zehazki, militarren babesa duten alderdiei nagusitu zitzaien, bederatzi urtez Asiako herrialde hori jeneralen kontrolpean egon ondoren.
Pita eta haren alderdia zortzi alderdik osatutako koalizioaren buru dira; goi ganberako 500 diputatuetatik 312 dituzte, baina gobernuburuaren aukeraketan 250 senatarik ere parte hartzen dute, eta gehienak militarren aldekoak eta kontserbadoreak dira. Horrekin lotuta, senatariak Mugitu Aurrera-ren agenda erreformistaren aurka daude, bereziki monarkia kritikatzen dutenen aurkako zigorrak murriztea asmo duen legearen kontra.
Beste hautagai bat
Pita lehen ministro izendatzeko bigarren bozketa egitekoa zuten gaur, eta, babes nahikorik lortu ez duenez, espero da Mugitu Aurrera koalizioko Pheu Thai alderdiak Srettha Thavisin enpresaria proposatzea hautagai. Ez dago argi, ordea, Pheu Thaik —Thaksin Shinawatra buruzagi erbesteratuari lotutako alderdiak— koaliziora lerratuta jarraituko duen ala koalizio akordioa etengo duen. Thailandia behin-behineko gobernu talde batek zuzentzen du martxoaz geroztik.
Bien bitartean, Pitaren aldeko ehunka jarraitzaile bildu dira Ordezkarien Ganberak Bangkoken duen egoitzaren kanpoaldean, auzitegiak hartutako erabakia salatzeko; zenbaitek senatarien aurkako afixak zituzten esku artean. «Haserre nago. Ez dute errespetatu herriaren borondatea. Ez dituzte entzun hamalau milioi lagunen ahotsak», esan dio 21 urteko gazte batek Reuters albiste agentziari.
|
2023-7-19
|
https://www.berria.eus/albisteak/230874/bibby-stockholm-bostehun-errefuxiaturentzako-kartzela-itsasontzi-bat-erresuma-batuan.htm
|
Mundua
|
'Bibby Stockholm': bostehun errefuxiaturentzako kartzela itsasontzi bat Erresuma Batuan
|
'Bibby Stockholm' ontzia Portlandera iritsi da, bostehun errefuxiatu han bizi daitezen. Erresuma Batuko hegoaldeko irla horretan hainbat protesta egin dituzte eskuin muturreko taldeek eta arrazakeriaren aurkako eragileek.
|
'Bibby Stockholm': bostehun errefuxiaturentzako kartzela itsasontzi bat Erresuma Batuan. 'Bibby Stockholm' ontzia Portlandera iritsi da, bostehun errefuxiatu han bizi daitezen. Erresuma Batuko hegoaldeko irla horretan hainbat protesta egin dituzte eskuin muturreko taldeek eta arrazakeriaren aurkako eragileek.
|
Atzo, asteartean, Bibby Stockholm itsasontzia Portland herrira iritsi zen (Erresuma Batua). Gaur egun, 51.000 asilo eskatzaile daude Erresuma Batuan. Hoteletan bizi dira gehienak, eta Erresuma Batuko gobernuari ia zazpi milioi euro kostatzen zaio hori. Itsasontziak 222 gela ditu, eta hoteletan dauden bostehun pertsona biziko dira han; Alderdi Kontserbadoreak esan duenez, gastuak murrizteko.
Eztabaida ugari sortu ditu erabakiak, eta errefuxiatuen aldeko talde asko kontra agertu dira, Erresuma Batuko gobernuaren planak ez direlako «moralak eta etikoak». Bestalde, Portlandeko eskuin muturreko eragileek protesta egin dute itsasontzia han porturatzearen aurka.
Rishi Sunak, Erresuma Batuko lehen ministroa, immigrazioaren aurkako politika eta mugimendu asko egiten ari da. Besteak beste, itsasontzia Portlandera iritsi ondoren, immigrazio ilegalaren aurkako lege berri bat onartu du. Lege berri horrek dioenez, Mantxako kanaletik ilegalki iristen diren immigranteak atxilotu eta deportatu egingo dituzte.
Sunaken helburuetako bat da legez kanpoko immigrazioa gelditzea 2024an egingo diren hauteskundeetarako. Lege horren bidez, gogortu egingo dute orain arteko araudia. Brexit-etik eztabaidarik handiena piztu duen legeetako bat izan da; orduan, argudio indartsuenetako bat mugak kontrolatzea zen. Azken urtean, 45.000 pertsona baino gehiago iritsi dira ontzi txikietan Erresuma Batuko kostara.
Etxegabeen bizileku
Bibby Stockholm itsasontzia 1976an egin zuten, Herbehereetan, eta orain izango duen antzeko funtzio bat eduki zuen orduan. Alemanian etxegabeentzat erabili zuten. Alemanian etxegabeentzat erabili zuten. Bi tokietan, bertan behera utzi zuten proiektua, kondizio txarrengatik. Herbehereetan erabili ondoren egindako ikerketek erakutsi zutenez, biolentzia, esplotazio sexuala eta osasun arazoak pairatu zituzten han bizi izan zirenek. Sunakek esan du gastuak txikitzeko bidaltzen dituztela errefuxiatu horiek itsasontzira, baina, The Guardian-ek argitaratutako informazioen arabera, ez da diru asko aurreztuko.
NBE Nazio Batuen Erakundeak esan du Erresuma Batuak Nazioarteko Zuzenbidean dituen betebeharrak hausten dituela. NBEko ordezkari Filippo Grandik honela esan du: «Legedi berriak hainbeste pertsona defendatu dituen esparru legala urratzen du». Oposizioan dauden alderdi guztiak ere itsasontziaren aurka agertu dira.
Bibby Stockholm itsasontziaren barnealdea. Jon Rowley / EFE
Portlanden hainbat izan dira neurriaren aurka protesta egin dutenak. Alde batetik, errefuxiatuen egoera salatu dute arrazakeriaren aurkako eragileek. Talde horiek defendatzen dute errefuxiatuak ongi etorriak direla. Irlako eskuin muturreko taldeak ere itsasontziaren aurka daude. Horiek diote 14.000 biztanle besterik ez duen irla batek ezin diola aurre egin hainbeste pertsona jasotzeari. Gobernuak, ordea, bi milioi euro eman dizkie irlako agintariei zerbitzuak ez kolapsatzeko.
Ontzian dauden errefuxiatuek lege oso zorrotzak edukiko dituzte, aste osoan kontrolpean egongo baitira, ia kartzela batean bezala. Hamar euro baino gutxiago jasoko dituzte; lehen 52 euro ziren, baina itsasontzi barnean janaria emango diete. Gaueko hamaikak baino lehen itsasontzian egotea eskatuko dietela ere esan dute. Amnistia Internazionalaren esanetan: «Ez da onargarria balio demokratikoak eta giza balioak gidatzen dituen gizarte batean. Erresuma Batuan arazo larriak daude errefuxiatuen etxeratze sisteman, eta kudeaketa horrek ez ditu giza eskubideak errespetatzen».
|
2023-7-19
|
https://www.berria.eus/albisteak/230875/txaro-tomasena-bihurtu-da-gibraltarko-itsasartea-zeharkatu-duen-andrerik-helduena.htm
|
Kirola
|
Txaro Tomasena bihurtu da Gibraltarko itsasartea zeharkatu duen andrerik helduena
|
77 urteko igerilari urnietarrak sei ordu pasatxoan osatu zuen 16,2 kilometroko ibilbidea.
|
Txaro Tomasena bihurtu da Gibraltarko itsasartea zeharkatu duen andrerik helduena. 77 urteko igerilari urnietarrak sei ordu pasatxoan osatu zuen 16,2 kilometroko ibilbidea.
|
Besakadaz besakada, etenik gabe: horrela zeharkatu du Txaro Tomasena urnietarrak (Gipuzkoa) Gibraltarko itsasartea. Denbora markari erreparatzen diete gehienek halakoetan, baina bestelako bat hautsi du: mutur batetik bestera igeri egin duen andrerik helduena da Tomasena; 77 urte ditu. Aurretik, Angela Elda Marchettik zuen titulua; 2017an egin zuen ibilbidea, 69 urterekin.
16,2 kilometrok banatzen dute Tarifa (Cadiz, Espainia) eta Cires muturreko kai muturra (Maroko). Atzo, 11:15ean abiatu zen, eta sei ordu, 23 minutu eta 24 segundoan heldu zen helmugara. Ozeano Atlantikoa eta Mediterraneoa elkartzen diren itsasartea ez da batere egonkorra; haizea eta itsasoa ez zituen lagun izan Tomasenak.
Hasiera zaila izan zuen, itsaslasterrak indartsuak izaten dira-eta han. Lehen kilometro eta erdia egiteko ordubete behar izan zuen; hortik aurrera, mendebaldeko haize finak jo zuen ibilbide erdira arte, eta horrek zeharkaldia erraztu zion —Tarifatik ekialderago dago helmuga—.
Baina hori izan zen zeharkaldia erraztu zion bakarra. Behin Marokoko uretan zela, sortaldeko haizea hasi zen. Ordura arte egindako esfortzua esfortzu, kontrako itsaslasterrari aurre egin zion, Cires muturreraino heltzeko asmoz. Helmugara iristeko ehun metroren geratzen zitzaizkiola, muturrera egin beharrean ezkerrerantz egin zuen; ez zuen ikusten non zen. Hala, muturretik kilometro batera dagoen kai muturrean amaitu zuen igerialdia.
Ez zegoen bakarrik: Irati Samaniego entrenatzailea alboan izan zuen, ontzitxo batean. Lehen ordua barau igaro zuen Tomasenak; gero, hiru ordu laurdenean behin karbohidratoak, platanoa, ura eta edari kafeinaduna hartu zituen.
Urnietarrak iaz eskaini zion elkarrizketa Aiurri aldizkariari, Japoniako Master Olinpiar Jokoetarako eta Gibraltarko zeharkaldirako prestatzen ari zela. Jokoetakoa probarik «handiena» zela esan zuen; lortu berri duena, berriz, «erronkarik inportanteenetan inportanteena». Sei edo zazpi orduan egitea aurreikusi zuen orduan, eta esandakoa bete du, sei ordu eta pasatxoan egin baitu igerialdia.
|
2023-7-19
|
https://www.berria.eus/albisteak/230876/gaur-hasiko-da-iraultza-txikien-akanpada.htm
|
Gizartea
|
Gaur hasiko da Iraultza Txikien Akanpada
|
Igandera bitartean egingo dute, Izarran, aniztasunean aliantzak sortu eta hainbat gai jorratzeko asmoz.
|
Gaur hasiko da Iraultza Txikien Akanpada. Igandera bitartean egingo dute, Izarran, aniztasunean aliantzak sortu eta hainbat gai jorratzeko asmoz.
|
Gaur ekin diote Iraultza Txikien Akanpadari, Izarran (Araba). Asteazkenetik igandera bitartean izango da, herri mugimenduak biltzeko xedez. Aurten, 230 pertsonak eman dute izena, baina gehiago espero dira. Goizean azpiegiturak muntatzen hasi dira, eta arratsaldean ekingo diote ofizialki topaguneari: 16:00etan egingo dute harrera ekitaldia, eta, horren ostean, film laburren lehiaketa. Ondoren, 18:30etik aurrera, hiru hitzaldi egongo dira, faxismoaz, borrokak uztartzeaz eta eraso sexistez.
«Herri mugimenduaren eta bertan dabiltzanen topagunea» da Iraultza Txikien Akanpada, «Euskal Herriko borroka ezberdinen plaza». Izan ere, Euskal Herrian dagoen herri mugimendu masa handia denbora batez elkartuko zuen espazio bat sortzeko sortu zen ekinaldia. Herri mugimenduak saretzeko helburua du, «nahiz eta bide desberdinetatik gai desberdinak jorratu norabide berera» doazelako. Aurten Euskal Herriko mugimenduen mapa osatuko dute.
2018an egin zuten akanpada lehen aldiz, Zubietan (Gipuzkoa), eta orain hirugarren aldiz egingo dute, Izarrako Ostuño parkean. Aurrekoen antzera, hitzaldiak, kontzertuak, tailerrak, haurrentzako jarduerak, kultura eskaintzak, jolasak eta abar izango dira kanpaldiko «txinpartak».
|
2023-7-19
|
https://www.berria.eus/albisteak/230877/trafiko-eskumena-izatea-defendituko-du-nafarroako-gobernuak-auzitegietan.htm
|
Politika
|
Trafiko eskumena izatea defendituko du Nafarroako Gobernuak auzitegietan
|
Guardia Zibilaren bi elkartek administrazioaren aurkako auzitegietan helegite bana aurkeztu dute Nafarroari trafiko eskumena itzultzeko prozesuaren aurka, eta gobernuak bi auzi horietan egon nahi du, bere burua defenditzeko.
|
Trafiko eskumena izatea defendituko du Nafarroako Gobernuak auzitegietan. Guardia Zibilaren bi elkartek administrazioaren aurkako auzitegietan helegite bana aurkeztu dute Nafarroari trafiko eskumena itzultzeko prozesuaren aurka, eta gobernuak bi auzi horietan egon nahi du, bere burua defenditzeko.
|
Transferentziari buruzko akordioa egin aurretik eta ondoren, guardia zibilek agerian utzi dute ez dutela gustuko Nafarroari trafiko eskumena itzultzea. Berriki, Jucil Justicia Guardia Civil elkarteak errekurtsoa jarri du administrazioarekiko auzitegietan.
Aurretik gauza bera egin zuen Union de Oficiales de Guardia Civil Profesional elkarteak.
Bi kasuetan, Nafarroako Gobernuak erabaki du auzian parte hartzea, bere burua defenditzeko. Aholkularitza Juridikoaren esku egongo da autogobernuaren defentsa.
Ikusi gehiago: Trafikoa, eskumen historiko bat
Nafarroako Gobernuak eta Espainiako Gobernuak aurten hitzartu dute trafiko eskumena Nafarroari itzultzea. Errepide eta bide zaintza betidanik bere gain izan du Nafarroak, baina, 1960ko hamarkadan, erregimen frankistak kendu egin zion, eta zentralizatu egin zuen funtzio hori.
2018ko urriaren 30ean, Moncloan, Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko orduko lehendakariarekin izandako bileraren ostean, Pedro Sanchezek konpromisoa hartu zuen eskumen hori itzultzeko. Alta, akordioa blokeatuta egon da legealdian, eta, ziurrenik, guardia zibilen eta eskuinaren presioak zeresan handia izan dute.
Espainiako aurtengo aurrekontu orokorren negoziazioan hitzartu zuen EH Bilduk PSOErekin azkenean Sanchezen konpromiso hura gauzatzea.
Ikusi gehiago: Akordioaren nondik norakoak
Martxoaren 23an sinatu zuten estatuko eta Nafarroako ordezkariek akordioa, eta lau urteko epea izango du transferentziak. Bitarte horretan, apurka joango da trafiko arloan Guardia Zibila atzera egiten.
Egun trafikoan aritzen diren guardia zibilek foruzain egiteko aukera izango dute nahi izanez gero, Nafarroako Polizien Legeari esker. Gaur egungo baldintza hobeak errespetatuko zaizkie, gainera.
|
2023-7-19
|
https://www.berria.eus/albisteak/230878/lehen-aldiz-ebn-auto-elektriko-gehiago-saldu-dira-dieselak-baino.htm
|
Ekonomia
|
Lehen aldiz, EBn auto elektriko gehiago saldu dira dieselak baino
|
Hornidura arazoak arinduta, autoen salmenta ia %18 handitu da urtearen lehen erdian.
|
Lehen aldiz, EBn auto elektriko gehiago saldu dira dieselak baino. Hornidura arazoak arinduta, autoen salmenta ia %18 handitu da urtearen lehen erdian.
|
Herrialde askotan egoera ekonomikoa ahula den arren, indarrez suspertzen ari da auto berrien salmenta. ACEA patronalaren datuen arabera, urteko lehen seihilekoan 5,4 milioi auto matrikulatu dira Europako Batasunean, 2022ko lehen erdian baino %17,9 gehiago.
Ekainean ere maila horretakoa izan da hazkundea (%17,8), baina hilabete horretan izan da berritasun bat: lehen aldiz, bateria elektrikoek mugitutako auto gehiago saldu dira diesel motorra dutenak baino. Hain zuzen ere, auto guztiz elektrikoek %15,1eko kuota lortu dute, eta gasolioa erretzen dutenek, %13,4koa. Azken horien salmenta %9,4 apaldu da ekainean, eta elektrikoena, berriz, %66,2 handitu.
Merkatu txiki batzuetan, hazkunde tasak ikusgarriak dira —Irlandan (+%661), Estonian (+%200), Danimarkan (+%146)—, baina merkatu handietan ere bultzada handia izan dute auto elektrikoek: +%74 Espainian, +%64 Alemanian, +%52 Frantzian...
Handien artean, Italia da salbuespen bakarra (+%0,1), eta erakusten du auto elektrikoek oraingoz arrakasta oso txikia dutela Europa hegoaldean: aurten matrikulatutakoen %3,9 baizik ez dira elektrikoak. Espainian %4,7ra baizik ez dira heldu —hortik gora daude Hego Euskal Herrian—.
Kuotak askoz handiagoak dira Alemanian (%15,8) eta Frantzian (%15,5), eta zer esanik ez Europa iparraldeko beste leku batzuetan: Suedian (%37,3), Danimarkan (%31), Herbehereetan (%28,9).
Auto guztiz elektrikoen salmenta da gehien hazi dena, baina oraindik gasolina erretzen dutenak saltzen dira gehien: %36,3 ekainean, eta %37,1 urtarriletik ekainera. Hibrido arruntek %24,3ko kuota izan dute ekainean (%24,9 urtearen lehen erdian) eta %7,9koa hibrido entxufagarriek (%7,4 aurten).
Teslaren arrakasta
Autogintzaren elektrifikazioa aurrera doan garaian, Tesla da salmenta gehien hobetu duen autogilea: %165,7 gehiago saldu du aurten, eta jada %2,5eko kuota dauka.
Volkswagen taldeak bere nagusitasuna indartu du, haren kuota %24,8tik %%26,1ra igaro baita, Stellantisen kaltetan. Peugeot, Citroen, Fiat, Opel eta beste hainbat markaren egilearen kuota bi puntu murriztu da, %18,8raino.
ACEAren datuetan ez dira ageri Txinako ekoizleak.
|
2023-7-19
|
https://www.berria.eus/albisteak/230879/confebaskek-laquobegirada-fiskal-berriaraquo-eskatu-du-lehiakortasunaren-mesedetan.htm
|
Ekonomia
|
Confebaskek «begirada fiskal berria» eskatu du, lehiakortasunaren mesedetan
|
Enpresarien elkarteak «enpresa eta pertsona zergadun gehiago» egotea sustatuko duten neurriak eskatu ditu; hori bai, ez du zehaztasunik eman.
|
Confebaskek «begirada fiskal berria» eskatu du, lehiakortasunaren mesedetan. Enpresarien elkarteak «enpresa eta pertsona zergadun gehiago» egotea sustatuko duten neurriak eskatu ditu; hori bai, ez du zehaztasunik eman.
|
Zerga sistemaren erreforma izan daiteke udazken eta negu parteko korapilo politiko handietako bat Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Foru aldundietako hauteskundeak igarota, jokaleku politikoa argiago dago, eta fiskalitatearen auzian murgildu daitezke erakundeak eta elkarteak. Hipotesi horri begira, Confebaskek eskumen fiskalak «enpresa lehiakortasuna eta Euskadiren erakargarritasuna indartzeko baliatzeko» eskatu du publikoki. Enpresari elkarte horrek ez du neurri zehatzik eman, baina azaldu du prest izango dituela eskatzen dizkiotenerako.
Confebaskek udako Kontseilu Nagusia egun du Bilbon, eta bertan berretsi da Tamara Yague izango dela presidentea hurrengo lau urteetan. Tecuni enpresako zuzendari nagusiak Isabel Bustoren lekukoa hartu du, eta lehen agerraldi publikoa egin du karguan. Bertan, azaldu du ekonomia «espero baino hobeto» doala, baina egoera ez dagoela inondik ere egonkortzear, eta motelaldia espero dela udazkenerako. Halaber, nabarmendu du hamar enpresatik zortzik ez dutela aurreikusten lanpostuak gutxitzerik.
Agerraldiaren zatirik mamitsuena «erronkei» buruzkoa izan da. Erakundeei «begirada fiskal berri bat» eskatu die Yaguek: «Ez dut esan nahi gutxiago eman, baizik eta hobeto eman. Hazkunde ekonomikora eta aberastasunaren sorrerara bideraturik». Helburua litzateke enpresa eta pertsona gehiagok zergak ordaintzea. Ez du neurri zehatzik eman, baina iragarri du «agiri bat» prestatzen ari direla ogasunek eskatzen dietenerako. Era berean, nabarmendu du enpresek «irabazi legitimoak» lortzen dituztela, eta haiek «gizarte dibidendua» sortzen dutela enpleguaren, inbertsioaren, garapenaren eta zergen bitartez. Halaber, salatu dute egun aurkako norabidean doala «diskurtso politikoaren zati handi bat».
Beste erronka handia demografikoa da, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoan dagoen langile gabezia. Berriz ere esan du hamarkada bat barru 140.000 pertsona beharko direla hutsuneak betetzeko, eta «lan egiteko pertsonak» erakartzeko estrategia bat eskatu du. Halaber, kritikatu du deskonexio handia dagoela gazteen nahien eta enpresen beharren artean: «Lanbide Heziketan izen emanda dauden gazteen %25ek eta unibertsitatean dihardutenen %55ek enpresen beharretatik urrun dauden graduak aukeratzen dituzte».
|
2023-7-19
|
https://www.berria.eus/albisteak/230880/manifestaldiak-peruko-demokraziaren-aurkako-laquoeraso-argiakraquo-direla-dio-dina-boluartek.htm
|
Mundua
|
Manifestaldiak Peruko demokraziaren aurkako «eraso argiak» direla dio Dina Boluartek
|
Protesta handiak egongo dira gaur Perun. Presidenteak 2026raino agintzeko nahia helarazi du, duela hilabete batzuk hauteskundeak 2024ko apirilera aurreratu arren. Hirugarren protesta deialdia da Dina Boluartek Pedro Castilloren kargua hartu zuenetik, aurreko abenduan.
|
Manifestaldiak Peruko demokraziaren aurkako «eraso argiak» direla dio Dina Boluartek. Protesta handiak egongo dira gaur Perun. Presidenteak 2026raino agintzeko nahia helarazi du, duela hilabete batzuk hauteskundeak 2024ko apirilera aurreratu arren. Hirugarren protesta deialdia da Dina Boluartek Pedro Castilloren kargua hartu zuenetik, aurreko abenduan.
|
Dina Boluarte Peruko presidentearen aurkako protestek Limako kaleak beteko dituzte gaur ere. Boluartek hauteskundeen aurrerapena ezeztatu du, eta bere agintaldia 2026raino luzatu. Erabaki horrek manifestaldiak piztu ditu. 2022ko abenduan Pedro Castillo estatuburu kargutik kendu eta presidente kargua hartu zuenetik, protesta handiak izan ditu herrialdeak eta bereiziki hiriburuak, Lima hartzeko ekinaldia deiturikoak. «Estatuaren eta Peruko demokraziaren aurkako eraso handia da manifestazioen deialdia. Ez dugu horrelako mugimendurik onartuko», esan du Boluartek. Manifestaldi sorta handien hirugarren deialdia da gaurko ezarrita dagoena. Aurrekoak 2022ko abenduan eta aurtengo martxoaren hasieran izan ziren.
Gaurko protestetan, Liman, herrialde osoko milaka pertsona elkartuko dira. Protestari gehienak Piura, Cusco, Arequipa, Cajamarca eta Amazoniako eskualdeetatik doazen indigena herriak izan ohi dira. Askok duela astebete hasi zuten ibilaldia hiriburura bidean, gaur bertan egoteko. Hala ere, protestak ez dituzte soilik Liman egingo. Espero da askotariko manifestazioak izatea herrialdeko hainbat lekutan, hiriburuko manifestarien helburu berberarengatik borrokan.
8.000 poliziak ikuskatuko dituzte hiriburuko protestak, eta beste 3.000 ordezko egongo dira. Protestariei dinamika baketsu baten alde jotzeko eskatu die presidenteak: «Perutarrek herrialde baketsu bat nahi dute, kaosik gabe eztabaida sustatzen duena. Mehatxu eta presio politikorik gabe bizi nahi dugu, ez dira-eta garaiak horrelako gauzak jasateko».
Orain arteko manifestaldietan, abenduaz geroztik, 77 lagun hil dituzte: haietatik 49, poliziak botatako jaurtigai edota negar gasen ondorioz. Boluartek ukatu egin zuen heriotza horien erantzukizuna duela. Adierazi du gobernuak «suhiltzaile lana» egin duela, bostehun manifestaldi baino gehiago deuseztatuz.
Castillo, kartzelan
Kartzelan jarraitzen du Castillok. Auzitegi Goreneko Cesar San Martin epaileak haren defentsaren apelazioa ezeztatu zuen. Horren ondoren, fiskaltzak hemezortzi hilabeteko kartzelaldia eskatu zuen Castillorentzat. Epailearen ustez, presidente ohiak atxilotuta jarraitu beharko luke haren kasua ikertzen den bitartean. Manifestaldien helburuetako bat bihurtu da presidente ohia aske uztea lortzea ere.
Parlamentua desegin eta salbuespen gobernu bat osatzeagatik atxilotu zuten Castillo, estatu kolpea leporatuta. Mexikoko enbaxadara asilo politiko bila zihoala, bidean atxilotu zuten. Aurreko ostegunean, entzunaldi judizial batean, Castillok adierazi zuen «konplot baten» biktima izan dela. «Ez nago atxilotuta, bahituta baizik», gehitu zuen.
|
2023-7-19
|
https://www.berria.eus/albisteak/230881/alaphilippe-eta-evenepoel-donostiako-klasikoko-txirrindularien-artean.htm
|
Kirola
|
Alaphilippe eta Evenepoel, Donostiako Klasikoko txirrindularien artean
|
230 kilometro pasatxoko ibilbidea du aurtengo Donostiako Klasikoak; Murgil Tontorra igo beharko dute txirrindulariek. Heldu den larunbatean jokatuko da lasterketa.
|
Alaphilippe eta Evenepoel, Donostiako Klasikoko txirrindularien artean. 230 kilometro pasatxoko ibilbidea du aurtengo Donostiako Klasikoak; Murgil Tontorra igo beharko dute txirrindulariek. Heldu den larunbatean jokatuko da lasterketa.
|
Ez da gutxi igaro txirrindulariak Donostiatik birritan igaro zirenetik, Frantziako Tourraren aitzakiaz, eta aurki izango dira bueltan: heldu den larunbatean jokatuko da Donostiako Klasikoa; 42. aldia izango da aurtengoa. Julian Alaphilippe, Neilson Powless, Ion Izagirre, Pello Bilbao, Carlos Rodriguez... Tourrean aritu diren 42 txirrindulari itzuliko dira hiriburura, baita beste hainbat ere. Tartean, Remco Evenepoel; klasikoko hirugarren garaipena lortu asmoz eragingo die pedalei. Tadej Pogacar ere bertan egotea espero dute; antolatzaileek etortzeko asmoa duela esan dute.
Gaur aurkeztu dute Donostiako Klasikoaren aurtengo ibilbidea Donostiako udaletxean. 230,3 kilometroko lasterketa izango da, iaz baino luzeagoa (225km). Mendate bat gehiagotik igaro beharko baitira txirrindulariak: Murgil Tontorra (1,9 kilometro eta %10,2) klasikora itzuliko da —2019an lastertu zuten azkenekoz bertan—.
Klasikoaren hasiera aldea aldatu dute, 230 kilometroren muga gainditzeko: Donostiako Alderdi Ederretik abiatuta, Zarautz igaro eta Meaga mendaterantz joko dute (3,7 kilometro eta %3,4). Hortik, Azpeitiraino. Bidania-Goiatzera igoko dira Erreziletik, Iturburu mendatetik pasaz (7,1 kilometro eta %5,8). Tolosara jaitsiko dira txirrindulariak, eta ohiko ibilbideari eutsi: Alkiza (4,4 kilometro eta %6,1) eta Jaizkibel (7,5 kilometro eta %5,8) igoko dituzte, hurrenez hurren. Gero, Erlaitzi (4,1 kilometro eta %10,3) eta Mendizorrotzi (7,7 kilometro eta %5) egin beharko diete aurre txirrindulariek. Helmugarako zortzi kilometro geratzen direla, Murgil Tontorra igo beharko dute, klasikoko azken mendatea. Bai Mendizorrotz, bai Murgil Tontorra Murgil bidetik igoko dituzte.
Lehiatuko diren txirrindularien behin-behineko zerrenda aurkeztu dute antolatzaileek. Aipatutakoez gain, Donostian izango dira Alex Aranburu, Simon Yates, Tony Gallopin, Juan Ayuso, eta Mikel Landa, besteak beste. 25 talde arituko dira guztira. Lasterketaren bezperan aurkeztuko dituzte Donostiako Alderdi Eder parkean taldeak.
|
2023-7-19
|
https://www.berria.eus/albisteak/230882/testuak-sei-hizkuntzatan-ahots-bihurtzeko-aukera-eman-du-elhuyarrek.htm
|
Gizartea
|
Testuak sei hizkuntzatan ahots bihurtzeko aukera eman du Elhuyarrek
|
Adimen artifizialaren bitartez, testuak ahots bihurtzeko sistema eta hauek entzuteko modua sortu du.
|
Testuak sei hizkuntzatan ahots bihurtzeko aukera eman du Elhuyarrek. Adimen artifizialaren bitartez, testuak ahots bihurtzeko sistema eta hauek entzuteko modua sortu du.
|
Adimen artifizialean eta sare neuronaletan oinarritutako ahots automatikoen alorrean, beste aurrerapauso bat egin du Elhuyarrek. Dokumentuak zein testuak automatikoki ahots bihurtzeko eta horiek entzuteko aukera emango du, sei hizkuntzatan: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez, katalanez eta galegoz. ttsneuronala.elhuyar.eus webgunean jarri ditu erabilgarri aukera horiek.
Prentsa ohar bidez azaldu duenez, TSS ahotsak orain sei hilabete sortu zituzten Orai adimen artifizialeko zentroan, aurrez grabatuta zituzten ahotsetatik abiatuz; eta orain, ahots horien bidez testuak irakurri ahalko dira.
Tresna berria «erraza» da erabiltzen, gainera, Elhuyarren ustez: webgunean sartuz gero, TTSa probatu botoia sakatuta agertuko den kutxan idatzi behar da testua, edo dokumentu bat plataforma horretara igo; hizkuntza eta ahots moldea aukeratu, eta segundu batzuetara jasoko du erabiltzaileak dagokion audioa.
Elhuyarreko kideek erantsi dute TSS ahots pertsonalizatuak sortzeko aukera ere eskaintzen duela webguneak, eta «edozein aplikaziotan txertatzeko prestatuta» daudela.
|
2023-7-19
|
https://www.berria.eus/albisteak/230883/enresaren-esku-dago-jada-garona.htm
|
Gizartea
|
Enresaren esku dago jada Garoña
|
Enpresa publikoak kudeatuko ditu zentral nuklearra deseraikitzeko lanak. Titulartasun aldaketa gauzatuta, obrak abia ditzakete.
|
Enresaren esku dago jada Garoña. Enpresa publikoak kudeatuko ditu zentral nuklearra deseraikitzeko lanak. Titulartasun aldaketa gauzatuta, obrak abia ditzakete.
|
Santa Maria de Garoñako (Burgos, Espainia) zentral nuklearraren titulartasuna eskuratu du gaur Enresak. Espainiako Gobernuaren enpresa publiko bat da, hondakin nuklearrak kudeatzeaz arduratzen da, eta hark eramango ditu azpiegitura deseraikitzeko obrak. Titulartasuna aldatzeko pausoa emanda, lanak abia ditzakete datozen egunotan. Izan ere, Trantsizio Ekologikorako Ministerioak astelehenean eman zuen obrei ekiteko baimena. «Prozesuak ez du atzera bueltarik», adierazi du gaur Enresako presidente Jose Luis Navarrok.
Nuclenor enpresak ustiatu du Garoña: Iberduerok eta Electra de Viesgok eratu zuten 1957an, propio zentral nuklearra kudeatzeko; Iberdola eta Endesa dira egun. 1971n inauguratu zuten zentral nuklearra, eta 2012 amaieran itzali egin zuen Nuclenorrek berak. Berriz abiatzeko mamua ez zen guztiz desagertu 2017ko abuztura arte: Endesak eta Iberdrolak Garoña ustiatzen segitzeko baimena berritzea eskatua zuten, baina behin betiko ezezkoa eman zien Energia Ministerioak.
Ia sei urte behar izan dituzte desmuntatze lanak bideratzeko, etaa enpresa publiko baten esku geratuko dira. Horren inguruan kritiko mintzatu zen Araba Garoña Gabe plataforma astelehenean, albistearen berri jaso eta berehala: «Titulartasuna eskualdatzeak dakar, finean, zentrala deseraikitzeko lanak denon poltsikotik ordainduko direla, hau da, aurrekontu publikoetatik, eta ez Iberdrolak eta Endesak 40 urte baino gehiagotan jasotako etekin gizenetatik».
Bi fasetan egingo dituzte deseraikitze obrak, eta 2033. urtera arte irautea aurreikusten dute. 475 milioi euroren kostua izango dute; Enresako presidentearen arabera, «enpresa energetikoek halako lanetarako ordaintzen dituzten tasen bidez» finantzatuko dira. Halere, kalkulu horretan ez dute kontuan hartu erregai erradiaktiboaren kudeaketak eragingo duen gastua. Gaur Navarrok esplikatu duenez, gutxienez 150 milioi euro gehiago beharko dituzte zentral nuklearreko urtegitik erregai erradiaktiboa ateratzeko lanetan.
Hondakinak, 2073ra arte
Material hori jada eraikita dagoen behin-behineko biltegi batean sartuko dute, 49 edukiontzitan, eta desegite lanen amaieran, bestelako hondakin bereziak ere utziko dituzte hor. Biltegia «behin-behinekoa» den arren, ez dute zehaztu zenbat denboran izango dituzten hor hondakin erradiaktiboak; aurreikuspenen arabera, goizenez 2073an prest izango dute «biltegi geologiko sakon bat», baina aurrez ere mugitu ahalko dira hondakinok, Navarroren arabera, «biltegi zentralizatu bat» bideratzen bada.
Hain justu, hondakin nuklearren kudeaketarekin ere kezkatuta agertu zen Araba Garoña Gabe: «Beren beregi eraikitako biltegi batera mugituko da erregaia. De facto, horrek esan nahi du Nuclenorrek hilerri nuklear bat utziko digula oinordetzan, gaur-gaurkoz gutxi baitu behin-behinekotik, ez baitago alternatibarik hondakinok biltzeko».
|
2023-7-19
|
https://www.berria.eus/albisteak/230884/gizon-bat-atxilotu-dute-beste-gizon-bat-zauritzeagatik-eta-bikotekide-ohiaren-etxeari-su-emateagatik.htm
|
Gizartea
|
Gizon bat atxilotu dute beste gizon bat zauritzeagatik eta bikotekide ohiaren etxeari su emateagatik
|
Atzo atxilotu zuten, Pasaian, hilketa saiakeraren ostean, eta genero indarkeria leporatuta espetxeratu dute.
|
Gizon bat atxilotu dute beste gizon bat zauritzeagatik eta bikotekide ohiaren etxeari su emateagatik. Atzo atxilotu zuten, Pasaian, hilketa saiakeraren ostean, eta genero indarkeria leporatuta espetxeratu dute.
|
Atzo gauean, 02:30ean, gizon batek beste gizon bati labana sartu zion bularrean Pasaiako (Gipuzkoa) kale batean. Lekuko batek Ertzaintzari eta anbulantziari deitu zien. Ertzaintzak gizona atxilotzea lortu zuen, bi labana eskuan zituela. Bitartean, medikuek Donostia ospitalera eraman zuten biktima, larri. Atxiloturikoak bikotekide ohiaren etxeari su eman zion aurretik. Horregatik, hilketa saiakeraz gain, indarkeria matxista leporatu diote.
Ertzaintzak dioenez, 27 urteko gizonak etxeko giltzak lapurtu zizkion bikotekide ohiari; gero, haren etxean sartu, bi labana lapurtu, etxeko hainbat gauzari su eman, eta etxetik atera zen. Emakumeak berehala itzali zuen sua.
Gizonak hainbat aurrekari ditu. Epaileak espetxera bidali du gaur arratsaldean, hilketa saiakera eta genero indarkeria leporatuta.
|
2023-7-19
|
https://www.berria.eus/albisteak/230885/2030erako-ahta-prest-izateko-eskatu-diote-urkulluk-eta-roussetek-europari.htm
|
Gizartea
|
2030erako AHTa prest izateko eskatu diote Urkulluk eta Roussetek Europari
|
Bilkura egin dute Adina Valean Europako Garraioen komisarioarekin
|
2030erako AHTa prest izateko eskatu diote Urkulluk eta Roussetek Europari. Bilkura egin dute Adina Valean Europako Garraioen komisarioarekin
|
Gipuzkoa eta Lapurdi lotuko dituen abiadura handiko trenbide linea 2030erako prest izateko eskatu diote Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Alain Rousset Akitania Berriko presidenteak Adina Valean Europako Garraioen komisarioari. Bilkura egin dute gaur arratsaldean, bideokonferentzia bidez.
Bi erakundeek segitzen dute euskal Y-a eta Bordele-Akize loturaren aldeko presioa areagotzen. «Atsekabea» erakutsi diote Europako komisarioari, eta azpimarratu dute Europako Batasunak behar dituela «eginbeharrak bete» 2030ean Bordele-Hendaia-Gasteiz interkonexioa «egoera onean» izan dadin. Horren harira, adierazi dute abiadura handiko linea mugaraino behar dela eraiki; hain zuzen ere, euskal Y-a eta Bordele-Akize arteko konexioa «eraginkorra» izan dadin.
«Erangikortasun ekologikoaz» ere aritu dira Rousset eta Urkullu, helburua baita gaur egun autoz edota kamioiz garraiatzen dena trenbidera pasatzea. Izan ere, proiektua «funtsezkoa» denez Iberiar penintsula eta Frantziako hego-mendebaldea lotzeko, biztanleen egunerokoa «hobetzearen» alde ere egin dute agintariek, «autoz eta hegazkinez egiten diren mugimenduak trenbidera pasatuz eta CO2 isurketa murriztuz».
|
2023-7-19
|
https://www.berria.eus/albisteak/230886/mondragonek-salmentak-eta-enplegua-handitzea-lortu-du-aro-berrian.htm
|
Ekonomia
|
Mondragonek salmentak eta enplegua handitzea lortu du aro berrian
|
Urteko lehen bost hilabeteetan %6,5 handitu ditu salmentak. Iaz %10,7 handitu zuen fakturazioa, eta 70.000 langiletik gora eduki zituen. Atal berri bat sortu du: ezagutzarena.
|
Mondragonek salmentak eta enplegua handitzea lortu du aro berrian. Urteko lehen bost hilabeteetan %6,5 handitu ditu salmentak. Iaz %10,7 handitu zuen fakturazioa, eta 70.000 langiletik gora eduki zituen. Atal berri bat sortu du: ezagutzarena.
|
Giharra galdu arren ereduaren zutarriak ongi jarrita dauzkala erakutsi du Mondragonek. Arrasateko korporazio hori gai izan baita emaitza onei eusteko, taldearen tamaina txikitu den arren. Oronak eta Ulmak taldea utzi ondoren, aro berria hasi zuen taldeak, eta, haiek utziko hutsunea datuetan agerikoa den arren, gainerako kooperatibek lortu zuen salmentak eta enplegua handitzea iaz. Eta aurten ere 2022ko datuak hobetzeko bidean dira, nahiz eta aitortu duten hasiak direla ekonomiaren uzkurtzea nozitzen.
Korporazioa osatzen duten enpresa eta kooperatibak 10.607 milioi eurora iritsi ziren salmentetan 2022an. Aurreko urtean baino %10,7 gehiago da hori, Oronaren eta Ulmaren emaitzak aintzat hartu gabe. Ez baita ahaztu behar bi kooperatiben ekarpena 1.500 milioi euro ingurukoa izan dela azken urteetan. Edonola ere, inbertsio ahaleginari eutsi dio taldeak oro har, eta datu onarekin itxi zuen urtea, 347 milioi eurora iritsita (+%11,8). EBITDA bateratua ere 1.103 milioi eurora iritsi zen; %6,9ko hazkundea izan da.
Enpleguari eustea ere lortu zuen Mondragonek 2022an: 68.879 pertsonako lantaldearekin itxi zuen iazko ekitaldia. Urrun dago 2021eko 80.000 langileen langa, eta agerikoa da Oronak eta Ulmak utzitako hutsunea, bien artean 10.000 pertsonari baino gehiagori ematen baitie enplegua. Baina korporazioak erakutsi du indartsu segitzen duela taldeak, eta gai dela enplegua sortzeko. Hain zuzen ere, industria arloko kooperatibek ia laurehun lanpostu sortu zituzten iaz.
Industria, indartsu
Sektoreka, esanguratsuak dira industria atalaren emaitza onak. Alor horretako kooperatibek 4.844 milioi euroko fakturazioa lortu zuten iaz (+%15,6), eta, guztira, 222 milioi euroren irabaziak lortu zituzten. Salmenta horietatik %75 Euskal Herritik eta Espainiatik kanpo egin zituzten kooperatibek; «nazioartekotzearen aldeko apustuaren» adierazle da hori, Mondragonen esanetan. Gaur egun, taldeak 104 lantegi ditu nazioartean, eta 10.000 langile baino gehiago ditu. Industria atalean 27.316 langile ditu denera.
Banaketan ere emaitzak hobetu ditu taldeak, eta salmentak (Eroski eta Erkop barne) 5.759 milioi eurora iritsi ziren iaz. Inflazioaren eragina nabarmena izan da Eroskiren kasuan, irabazi marjinak nabarmen txikitu zitzaizkiolako. Edonola ere, taldeak 64 milioi euroren irabaziak izan zituen, eta gai izan zen zorra kitatzen jarraitzeko.
Finantza arloko erakundeei dagokienez, Mondragonek azaldu du Laboral Kutxak «portaera ona» izan zuela: liderra izan zen kaudimenari dagokionez, eta 151 milioi euroren irabaziak lortu zituen, besteak beste.
Ekipo ondasunek ere emaitza onekin itxu zuten iazko ekitaldia, eta eskaera zorroa beteta daukate enpresa askok, batez ere energia berriztagarriei eta espazioko industriari lotutako proiektuei esker. Energiari lotuta ari dira hazten ingeniaritza arloko kooperatibak ere. Autogintza alorreko kooperatibek, berriz, %14 handitu zituzten salmentak iaz, «lehengaien eta energiaren prezioaren igoerak marjinetan eragin handia izan duen arren».
Atal berria
Emaitza horiek Ukrainako gerrak eragindako «egoera zailean» lortu izana nabarmendu du Mondragoneko presidente Iñigo Uzinek, ohar bidez. Kooperatibak hazteko bidean direla azpimarratu du, nahiz eta adierazle batzuetan nabaritzen hasiak diren «moteltzearen sintomak». «Hala izanik ere, ziur gaude egoera kaltegarri posibleei aurre egin ahal izango diegula», adierazi du Uzinek. Eta aurreratu du urtea ondo amaitzea espero dutela. Maiatzera arte, fakturazioa %6,5 hobetu du taldeak.
Barne antolaketari dagokionez egindako aldaketa baten berri ere eman du taldeak gaur, Donostian egindako kongresu nagusian. Atal berri bat sortu baitu Mondragonek: ezagutzarena. Bananduta zeuden negozioak atal berean batuko ditu, elkarren arteko «lankidetza» bultzatzeko. «Etorkizuneko apustua» da, Mondragonek azaldu duenez. Ikastetxeak, unibertsitatea eta zentro teknologikoak biltzen ditu: 11 erakunde guztira, eta 2.000 langiletik gora.
|
2023-7-19
|
https://www.berria.eus/albisteak/230887/pogacar-hondoratu-egin-da-eta-vingegaardek-azken-kolpea-eman-du.htm
|
Kirola
|
Pogacar hondoratu egin da, eta Vingegaardek azken kolpea eman du
|
Gallek irabazi du Tourreko 17. etapa, ihesean. Bilbao hirugarren izan da, eta seigarren jarri sailkapenean. Pogacarrek ia sei minutu galdu ditu liderrarekin, Lozen makalaldia izan eta gero
|
Pogacar hondoratu egin da, eta Vingegaardek azken kolpea eman du. Gallek irabazi du Tourreko 17. etapa, ihesean. Bilbao hirugarren izan da, eta seigarren jarri sailkapenean. Pogacarrek ia sei minutu galdu ditu liderrarekin, Lozen makalaldia izan eta gero
|
Ezuste handirik ezean, Jonas Vingegaardek (Jumbo) irabaziko du Frantziako Tourra. Kolpe erabakigarria eman du gaur, mendiko etapa nagusian. Hark erasoa jotzerako, jota geratu da Tadej Pogacar (UAE). Loze igo dute, aurtengo aldiko mendaterik garaiena, eta esloveniarra gailurretik 7,6 kilometrora gelditu da ezinean. Vingegaardek ia sei minutu atera dizkio Courcheveleko helmugan, eta sailkapenean 7.35era du orain. Maillot horiak iazko jabe bera izango du.
Etapa Felix Gallek (Ag2r) irabazi du, eguneko ihesaldia baliatuta. Pello Bilbao (Bahrain) ere alde eginda ibili da, eta hirugarren izan da, Vingegaard beraren aurretik. Gernikarra seigarren jarri da nagusian, eta gaur etapa handia egin ondoren, aukera dauka Tourra are gorago bukatzeko: Simon Yates (Jayco) 31 segundora du, Carlos Rodriguez (Ineos) 49 segundora, eta 2.05era dauka Adam Yatesen (UAE) hirugarren postua.
Pogacar erori egin da Saisiesen, eguneko lehen mendatean. Igotzen hasi eta berehala jo du asfaltoaren kontra, beste txirrindulari baten gurpila ukitu ondoren. Itxuraz, aparteko arazorik gabe itzuli da bizikleta gainera, baina baliteke kolpeak zerikusia eduki izana ondoren Lozen izan duen ahuleziarekin.
Ihesaldi jendetsu eta indartsua osatzeko saiakera izan da Saisiesen, baina ezerezean utzi du Tiesj Benootek (Jumbo). Haren erritmoak apurtu egin du faboritoen multzoa, eta hasiera batean, atzean gelditu dira Bilbao, Rodriguez eta Jai Hindley (Bora).
Egoerak baretzera egin du tropelean, eta Cormet de Roselenden 34 txirrindularik egin dute alde. Bilbao izan da horietako bat. Bidaide izan ditu Gall, Simon Yates, David Gaudu (Groupama) eta Guillaume Martin (Cofidis), sailkapen nagusiko hautagaiak haiek ere. Giulio Cicconeri (Lidl) ez dio trenak ihes egin, eta puntuak pilatzen aritu da mendiko lidergoa sendotzeko. Halaber, Vingegaardek eta Pogacarrek bi taldekide sartu dituzte aurrean: batak Benoot eta Wilco Kelderman (Jumbo), eta besteak Marc Soler eta Rafal Majka (UAE).
Ihesaldia tropel bat zen bere horretan, eta aurrean zeuden faboritoek jende ona zuten lanerako. Haatik, kontrol zorrotza ezarri du Jumbok multzo nagusian, eta errentak nekez egin du gora. Longefoy gainditu, eta Lozera bidean martxa bizkortzen saiatu dira lasterketa burukoak, baina errentak doi-doi gainditu du hiru minuturen langa. Murritzegia zirudien, 28 kilometroko igoera ia amaiezina baitzuten aurretik.
Tarte luze batez Omar Frailek eta Jonathan Castroviejok (Ineos) gidatu dute tropela, baina haien erritmoa ez da nahikoa izan aurrekoengana gerturatzeko. Pogacarrek, bien bitartean, ez zuen sentipen onik igortzen. Aurpegia elastikoa bezain zurbila zeukan, eta aurkariei jarraitu ezinik gelditu da tontorra oraindik urrun zegoenean. Segundoak azkar galdu ditu horitik aurrera.
Ihesaldia berandu gabe xehatu da. Aurrera egin dute Yatesek, Gallek eta Majkak; Bilbaok ezin izan die jarraitu. Gallek eraso egin du, eta hortik aurrera, lehia estua izan du Yatesekin. Gailurrean 23 segundo zeuden bien artean. Beranduago iritsi da Vingegaard. Erakustaldiaren bila irten da mendateko azken bost kilometroetan, baina ezin izan ditu iheslaririk onenak harrapatu. Une batez, trabatuta gelditu da motor baten erruz, eta hanka lurrera bota behar izan du.
Bilbao liderraren gurpilean iritsi da tontorrera, eta hamalau segundo atera dizkio Courcheveleko helmugako malda pikoan. Ordurako, etapa irabazia zuen Gallek. Maldan behera ohi baino hobeto moldatu da, eta Yatesi 34 segundo atera dizkio azkenean. Bilbao 1.38ra iritsi da, 1.52ra Vingegaard, eta 7.37ra Pogacar.
|
2023-7-20
|
https://www.berria.eus/albisteak/230906/sanchezek-eta-diazek-feijoo-estutu-dute-voxen-programa-biluztuta.htm
|
Mundua
|
Sanchezek eta Diazek Feijoo estutu dute, Voxen programa biluztuta
|
Sanchezen iritziz, PPko hautagaiak uko egin dio lauko eztabaidan parte hartzeari «lotsa ematen diolako Abascalen ondoan agertzeak». Diazek gordin egin dio aurre zenbait momentutan eskuin muturraren diskurtsoari.
|
Sanchezek eta Diazek Feijoo estutu dute, Voxen programa biluztuta. Sanchezen iritziz, PPko hautagaiak uko egin dio lauko eztabaidan parte hartzeari «lotsa ematen diolako Abascalen ondoan agertzeak». Diazek gordin egin dio aurre zenbait momentutan eskuin muturraren diskurtsoari.
|
Hiruk hitz egin dute, baina lau izan dira protagonista. Espainiako Gorteerako hauteskundeetan, kanpainako azken eztabaidarako gonbita egin zien RTVE Espainiako irrati-telebista publikoak PSOEko, PPko, Sumarreko eta Voxeko presidentegaiei, baina Alderdi Popularrak ez joatea erabaki zuen. Beraz, atzo gauean, Pedro Sanchez (PSOE), Yolanda Diaz (Sumar) eta Santiago Abascal (Vox) izan ziren hizlari bakarrak. Alberto Nuñez Feijoo PPko presidentegaia eztabaidan ez egonagatik, sarritan aipatu zuten Sanchezek eta Diazek, nabarmentzeko Voxekin bat datorrela hainbat arlotan. Ahalegindu ziren irudikatzen alternatiba bakarra duela PSOEren eta Sumarren koalizio gobernuak: PPren eta Voxen arteko aliantza bat. Eskuinak irabaziz gero eskubideetan «atzerapausoak» izango direla ohartarazi zuten, eskuin muturraren programa aletuta. Abascalek, berriz, herritar xumeen aurka gobernatzea leporatu zien Sanchezi eta Diazi, eta ziurtatu zuen Vox dela PSOEren eta Sumarren politikei «aurre egiteko ausardia duen indar bakarra».
Feijoo eztabaidatik kanpo geldituta, ikusmin handia piztu zuen eztabaidak har zezakeen norabideak. Sanchezek tarte bat eskaini zion Feijooren falta azaltzeari. «Lotsa ematen dio Abascalen ondoan azaltzeak . Harekin egiten ditu itunak, harekin gobernatzen du, baina lotsa ematen dio harekin batera azaltzeak». Diazek sarritan aipatu zuen PPko burua Abascali mintzatzen zitzaionean. Voxeko hautagaia eztabaidan Feijooren «ordezkari» gisa ari zela errepikatu zuen behin eta berriz.
Ordu batzuk lehenago, PPko presidentegaiak La Sexta telebista kateari esan zion ez zuela parte hartuko, eztabaidan ez zirelako egongo «Sanchezen kideak». PSOEri egotzi zion EAJren, EH Bilduren eta Esquerra Republicanaren parte hartzeari «betoa jartzea».
Dena den, Sanchezek eta Diazek modua bilatu zuten Feijooren falta nabarmentzeko, diskurtsoak harengan zentratu gabe. PPko burua kritikatu zuten eskuin muturreko alderdiari zuzendutako erantzunekin; adibidez, feminismoa aldarrikatu zutenean. Abascalek genero indarkeriaren kontrako legea gaitzetsi zuen, eta Espainiako Gobernuari leporatu zion bortxatzaileak askatzea soilik baietz da baietz legearekin. «Hau da mingarriena, PP eta Vox gauza hauetan ados jarri izana», erantzun zuen Sanchezek.
Diazek irmoago hitz egin zuen eskuin muturraren aurka. «Utzi geure bizkar barre egiteari», esan zion Abascali, Voxek Valentzian dituen bi diputaturen argazki bat erakutsiz. Irudian, eskuin muturreko ordezkariak barrez ikusten ziren, «eraildako emakume baten omenez minutu bateko isilunea egiten ari zirela». Espainiako jarduneko presidenteordeak Voxeko hautagaiari eskatu zion aipa zezala neurri bakar bat bere proposamenen artean emakumeak indarkeria matxistatik babesteko, baina ez zuen erantzunik jaso. «Zure politika da emakumeoi eskubide gehiago aitortzen dizkiguten legeak indargabetzea», esan zion.
Abascal «genero ideologiaren» aurkako mezuekin tematu zen, baina Sanchez eta Diaz ez ziren Voxekoaren diskurtsoarekin katramilatu. Eztabaidaren gainontzeko ataletan bezala, denboraren zati handi bat bideratu zuten proposamenak egitera eta gobernuaren azken lau urteetako jarduna babestera. Elkarlanean aritu ziren gobernuaren defentsan, baina Sumarreko presidentegaiak PSOEtik aldendu zuen bere burua gai jakin batzuetan. Anbizio handiagoa eskatu zion hurrengo legealdirako, erreforma fiskal «justu» batean sakontzeko, etxebizitza politikak garatzeko edo osasun publikoa indartzeko. Diazek «marra gorri bat» ezarri zion Sanchezi: «Jubilatzeko adina ez da atzeratuko».
Abascalek gehien nabarmendu zuen mezuetako bat izan zen gobernuak herritarrak pobretu dituela; besteak beste, klima larrialdiaren kontrako politikekin, gehiegizko zergekin eta diru publikoaren «xahuketarekin». Azken puntu horri lotuta, Diazek gogorarazi zion Madrilgo Erkidegoko fundazio batean eman zituen urteak, diru publikoa kobratzen apenas jarduerarik gabe. «Honi buruz hitz egitea, zatozen chiringuito-tik etorrita, oso larria da».
Sanchezek eta Diazek ukatu egin zuten Voxek herritar xeheen interesak defendatzen dituela. Nabarmendu zuten ez dituela babestu gutxieneko soldataren igoera, ezta pandemia garaian enpleguari eusteko onartu ziren laguntzak edo inflazioari aurre egiteko hartutako neurriak ere. «PPk eta Voxek sistematikoki bozkatu dute pentsioak igotzearen aurka», adierazi zuen PSOEko hautagaiak. Sumarrekoak ohartarazi zuen Voxen programak «zerga jaitsiera orokor bat» jasotzen duela, «lan kontratu zaborretara itzuli» nahi duela, eta pentsioak pribatizatzea duela helburu, PPk bezala, Diazen esanetan.
Tentsio handiko uneetako bat eztabaidaren amaieran gertatu zen, Diazek Abascali galdetu zionean normala iruditzen ote zaion Feijoo Marcial Dorado narkotrafikatzailearekin elkartu izana barku batean. «Ez zaidana normala iruditzen da hemen ez dagoen pertsona bati horrela eraso egitea», erantzun zuen Abascalek, Feijooren eta Doradoren arteko harremanari buruz iritzirik eman gabe.
Kanpaina bihar amaituko denez, eztabaida azken aukeretako bat izan da botoa erabaki gabe duten herritarrak konbentzitzen saiatzeko. Abascalen iritziz, igandean «ez da nahikoa izango Sanchez kanporatzea: haren politika guztiak indargabetu behar dira, eta soilik Vox ausartuko da behar den aldaketa bultzatzen». Diazek botoa eskatu zuen «etorkizunari begiratzeko, beldurrik gabe maitatzeko, klima aldaketari aurre egiteko eta soldatak igotzeko». Sanchezen arabera, bi bideren artean erabaki beharko dute igandean boto emaileek. «Aukeratu beharko dugu Espainia astelehenean 2023an esnatuko den ala 1973an».
|
2023-7-20
|
https://www.berria.eus/albisteak/230907/hamar-urteko-ume-bizkaitar-bat-hil-da-itota-espainiako-igerileku-batean.htm
|
Gizartea
|
Hamar urteko ume bizkaitar bat hil da itota Espainiako igerileku batean
|
Asteazken arratsaldean gertatu zen. Ikerketa abian dago, eta autopsiaren emaitzen esperoan daude.
|
Hamar urteko ume bizkaitar bat hil da itota Espainiako igerileku batean. Asteazken arratsaldean gertatu zen. Ikerketa abian dago, eta autopsiaren emaitzen esperoan daude.
|
Hamar urteko ume bizkaitar bat hil da itota Poza de la Sal herriko (Espainia) udal igerilekuan. Asteazken arratsaldean gertatu zen. 19:38ean eskatu zuten laguntza, umea uretatik konorterik gabe atera zutenean.
Hasieran, igerilekuan oporretan zegoen mediku batek lagundu zuen umea. Gero, Gaztela eta Leongo osasun larrialdietako eta Guardia Zibileko pertsonala iritsi zen, helikopteroekin, anbulantziekin eta Briviescako lehen mailako arretako langileekin. Larrialdi zerbitzuek ezin izan zuten ezer egin umea bizirik mantentzeko.
Ikerketa abian jarri da, autopsiaren emaitzen esperoan. Uretan gertatu zela uste den arren, autopsiaren emaitzak nola ito den argituko dute. Auzitegi medikuaren txostena gaur argitaratzea espero da. Bitartean, Guardia Zibila informazioa jasotzen ari da, eta lekukoei galderak egiten.
|
2023-7-20
|
https://www.berria.eus/albisteak/230908/angel-tontildeak-iragarri-du-eh-bilduri-emango-diola-botoa.htm
|
Politika
|
Angel Toñak iragarri du EH Bilduri emango diola botoa
|
Vocento taldeak argitaratu duen iruzkin batean egin du iragarpena Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburu ohiak. Koalizioak «Euskadiren adiskidetzean» emandako pausoak balioetsi ditu.
|
Angel Toñak iragarri du EH Bilduri emango diola botoa. Vocento taldeak argitaratu duen iruzkin batean egin du iragarpena Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburu ohiak. Koalizioak «Euskadiren adiskidetzean» emandako pausoak balioetsi ditu.
|
Angel Toña Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburu izandakoak iragarri du EH Bilduri emango diola botoa igandean. Vocento taldeak gaur argitaratu duen idatzian egin du iragarpena Toñak. Votar para seguir avanzando izenburupean idatzitako testuan (Botoa eman aurrera egiten jarraitzeko), Toñak adierazi du hurrengo igandean parlamentu bat eta gobernu bat eratuko direla Espainian, eta herritar askok nahi dutela, bera barne, «gehiengo nahikoak» egotea gizarte, lan eta ekonomia arloko lorpenak bermatzeko eta hobetzeko, eta «kolektiborik behartsuenei» babesa eta laguntza emateko. Ez hori bakarrik: gaineratu du igandeko bozetan jokoan dela Kataluniako eta Euskal Herriko «bizikidetza baketsua» ahalbidetuko duen «nazio anitzeko berezitasunean» aurrera egitea ere.
«Nire ustez, herri honetako ezkerrak erakutsi du guztiontzat gobernatzen dakiela, eta enpresaburu, langile, administrazio eta gizarte kolektibo desberdinen interesak ere berma dezakeela», adierazi du. Alde horretatik, iritzi dio ezinbestekoa dela babesa ematea PSOE, Sumar, ERC eta EAJrekin batera gobernu «aurrerakoi» bat lortzea ahalbidetuko duen alderdi bati, Kongresuan gutxienez 176 eserleku lortzeko.
«Euskadik bere buruarekin adiskidetu behar du. Eta hori egiteko modu bat da onartzea EH Bilduk emandako pausoak ezinbesteko baldintza izan direla bide horretan. Nik nahi dut denok pauso gehiago ematea. Sinesten dut Euskadi solidarioan, oparoan, ez hain desorekatuan», erantsi du Toñak. Haren iritziz, une egokia da EH Bilduk egindako bidea aitortzeko. «Oso beharrezkoa iruditzen zait Euskadi ordezkatzen duen ezkerra gure konfiantza jarri ahal izateko alderdia izatea, indarkeriaren urte gogorrak zuzendu eta beharrezko adiskidetzean aurrera egiten jarraitzea». Horretarako EH Bilduk boto hori jaso behar duela esan du, «Euskadiko bizikidetzak guztiak lubakietatik atera ditzan». EH Bilduk ez ezik gainerakoek ere aurrera egin behar dutela uste du. Era berean, garrantzitsutzat jo du nazio aniztasuna aitortuko duten alderdien lana, eta hor kokatu du EH Bildu.
«Nik adierazten dut EH Bilduri emango diodala botoa. Inoiz ez dut nire botoa ezkutatu; orain ere ez dut ezkutatuko», azpimarratu du, eta argitu bere botoa ez dela «baldintzarik gabea, ezta dogmatikoa ere»: «Uste dut ezkerreko pertsona bat naizela eta izan naizela. Uste dut nazionalista moderatua izan naizela, eta naizela orain ere. Ez dut independentzia aldarrikatzen: eskari gainditua iruditzen baitzait. Asimetria plurinazionala aldarrikatzen dut. Horrek egin ninduen Euskadiko Ezkerrako militante 1977tik 1991ra. Eta Bakearen Aldeko Koordinakundearena. Ordutik, nire independentzia politikoari eutsi diot, baina Ezker Batuaren eta Aralarren hautagaitzak babestu nituen, eta EAJren gobernu bateko kide ere izan nintzen, unean-unean egin behar nuena egin behar nuela sinetsita».
|
2023-7-20
|
https://www.berria.eus/albisteak/230909/botoa-posta-bidez-emateko-epea-luzatu-dute.htm
|
Politika
|
Botoa posta bidez emateko epea luzatu dute
|
Bihar 14:00ak arte eman ahal izango da botoa postaz. Posta bidez bozkatzeko eskaera jasotzeko helbide bat adierazi eta boto paperak jasotzeko beste bat adierazi duten herritarrei erantzuteko eskatu du luzapena Espainiako posta zerbitzuak. Espainiako Hauteskunde Batzordeak hartu du erabakia.
|
Botoa posta bidez emateko epea luzatu dute. Bihar 14:00ak arte eman ahal izango da botoa postaz. Posta bidez bozkatzeko eskaera jasotzeko helbide bat adierazi eta boto paperak jasotzeko beste bat adierazi duten herritarrei erantzuteko eskatu du luzapena Espainiako posta zerbitzuak. Espainiako Hauteskunde Batzordeak hartu du erabakia.
|
Espainiako Hauteskunde Batzordeak bihar 14:00ak arte luzatu du igandeko hauteskundeetarako botoa postaz emateko epea. Berez, gaur arratsaldean amaitzen zen epe hori, baina Correos Espainiako posta zerbitzuak bihar arte luzatzeko eskatu du goizean. Gaur goizeko datuen arabera, estatuan posta bidezko botoa eskatu dutenen %91k jada eman du botoa: denera, 2,4 milioi lagun inguru.
Ikusi gehiago: Posta bidezko botoen uholdea
Correosen arabera, epea luzatzeko arrazoi nagusia da boto paperak jasotzeko eskaeran helbide bat jarri eta ondoren boto papera beste batera bidaltzeko eskatu duten herritarren nahiari erantzutea. Era berean, ordea, adierazi dute ezingo litzatekeela epea ostiraleko 14:00etatik aurrera luzatu, ezingo litzatekeelako bermatu boto guztiak hauteskunde egunerako garaiz iristea.
Gaur, Correoseko 654 bulego 22:00ak arte egongo dira irekita; egunerokoan 20:00ak arte irekita egoten direnak dira, nagusiki. Era berean, gehitu dute beharrezkoa izanez gero itxiera ordutegiak atzeratuko dituztela: «Bulegoren batean jendea zain badago itxiera ordua iristen denean, horiei arreta eskaintzen jarraituko da, posta bidezko azken botoa jaso arte». Erakundeak, dena den, botoa «ahal bezain laster» ematera deitu ditu herritarrak.
Correosek gaineratu du goizean bozkatu ahal izateko 170.000 agiri zeudela postetxeetan jasotzear oraindik.
|
2023-7-20
|
https://www.berria.eus/albisteak/230910/hiru-pertsona-hil-dituzte-zeelanda-berrian-tiroketa-batean.htm
|
Mundua
|
Hiru pertsona hil dituzte Zeelanda Berrian, tiroketa batean
|
Sei lagun zauritu dituzte, eta haietako hiru larri daude. Zeelanda Berrian eta Australian ospatzen den Munduko Futbol Kopa hasi baino bi ordu lehenago gertatu da.
|
Hiru pertsona hil dituzte Zeelanda Berrian, tiroketa batean. Sei lagun zauritu dituzte, eta haietako hiru larri daude. Zeelanda Berrian eta Australian ospatzen den Munduko Futbol Kopa hasi baino bi ordu lehenago gertatu da.
|
24 urteko gizon batek hiru pertsona hil eta beste sei zauritu zituen atzo Zeelanda Berriko Auckland hirian. Etxeko atxiloaldian zegoen gaztea, baina hala ere eraikuntzan egiten zuen lan. Haren lanpostuan gertatu zen tiroketa, eraikitzen ari diren eraikin batean. Zeelanda Berriko osteguneko goizeko zazpietan sartu zen tiratzailea eraikinean —Euskal Herriko asteazkeneko arratsaldeko bederatzietan—, eta bi pertsona hil zituen. Gertakariak Munduko Futbol Koparen hasierarekin bat egin du, Zeelanda Berrian —eta Australian— ospatzen da eta.
Poliziak hilda aurkitu zuen tiratzailea. Hala ere, haietako biri tiro egin zien hil baino lehen. Horrez gain, beste lau lagun zauritu zituen, orotara sei, eta haietako hiru larri daude. Agintariek diote helburu edo arrazoi ideologiko edo politikorik gabeko erasoa izan zela. Lanean bertan sortutako arazoak izan litezke arrazoiak.
Sunny Patel Aucklandeko Poliziaren superintendenteak tiroketa azaldu zuen: «Tiratzailea eraikinean sartu zen, eta, gora zihoan heinean, kargagailua husten aritu zen. Azkeneko pisura iristean, igogailuko zulora sartu zen. Bertan, harekin hitz egiten saiatu ginen, baina, bederatzi tiro entzun ondoren, haren gorpua aurkitu genuen soilik» .
Munduko Koparen segurtasuna, kolokan
Munduko Futbol Kopa abian da Zeelanda Berrian. Tiroketa ekitaldi hori baino bi ordu lehenago izan zen. Gertakariaren harira, pertsona askok zalantzan jarri dute Munduko Kopako segurtasuna. Zeelanda Berriko lehen ministroak, Chris Hipkinsek, hainbat aipamen egin zituen txapelketako segurtasunaren inguruan: «Txapelketak aurrera jarraituko du, antolatu den moduan. Hala ere, bertako segurtasuna handituko dugu; ez dugu nahi horrelako beste ezer gertatzea».
Andrew Coster Zeelanda Berriko Poliziaren ordezkariak lasaitasuna helarazi du: «Gertakari honek ez du inongo eraginik edukiko FIFAren txapelketan, ezta hiriko segurtasunean ere. Herrialde oso segurua da geurea, eta jendea lasai egon daiteke».
|
2023-7-20
|
https://www.berria.eus/albisteak/230911/iazko-udan-baino-turista-gehiago.htm
|
Ekonomia
|
Iazko udan baino turista gehiago
|
Iazko ekaineko datuekin alderatuta, %6,5 gehitu dira hoteletako sarrerak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Eguneko batez besteko tarifa 121 euro izan da: %15 garestiago.
|
Iazko udan baino turista gehiago. Iazko ekaineko datuekin alderatuta, %6,5 gehitu dira hoteletako sarrerak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Eguneko batez besteko tarifa 121 euro izan da: %15 garestiago.
|
Turismoaren sektoreak indartsu hasi du uda. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hoteletan 334.897 sarrera erregistratu zituzten ekainean, 2022ko hil berean baino %6,5 gehiago, eta 652.205 gau egin zituzten guztira, %8,3 gehiago. Batez besteko egonaldia 1,95 egunekoa izan da, aurreko urteko ekainean baino apur bat txikiagoa (1,98 egun izan zen),
Eustaten arabera, ekainean modu berezian hazi da Espainiatik kanpoko bidaiarien kopurua; sarrerak %20,1 gehitu dira, eta gaualdiak % 14,5. Turista horiek hoteletako sarrera guztien erdiak baino gehiago dira (%52,9).
Lurraldeka, Arabako hoteletan 44.048 pertsona egon ziren ekainean (iaz baino %12,5 gehiago). Bizkaian, sarrerak % 6,7 gehitu ziren, 151.169 turista. Eta Gipuzkoan, %8,9 gehiago, 139.680 bisitari.
Hiriburuka, sarrerak %15,7 gehitu ziren Gasteizen, %5 Bilbon, eta %12,8 Donostian.
Hotelen okupazioa %75ekoa izan da, logelen arabera neurtuta. Eta eguneko batez besteko tarifa 121 euro izan da, %14,7 gehiago. Gipuzkoan 140 euro ordaindu da logela batean gau bat pasatzeagatik; Bizkaian, 113 euro, eta Araban, 89 euro.
|
2023-7-21
|
https://www.berria.eus/albisteak/230912/zuberoako-kulturguneak.htm
|
Bizigiro
|
Zuberoako kulturguneak
|
Muskildi eta Urdiñarbe herriak lotzen dituen ibilbideari jarraika, Arbailako eskualdeko ondare oparoa ezagutuko du ibiltariak. Paisaian ez ezik, herriotako ondasun arkitektonikoan eta artean ere murgiltzeko abagune ederra profitatuko du.
|
Zuberoako kulturguneak. Muskildi eta Urdiñarbe herriak lotzen dituen ibilbideari jarraika, Arbailako eskualdeko ondare oparoa ezagutuko du ibiltariak. Paisaian ez ezik, herriotako ondasun arkitektonikoan eta artean ere murgiltzeko abagune ederra profitatuko du.
|
Muskildi eta Urdiñarbe lotzen dituen bidea (klikatu irudian tamaina handiagoan ikusteko). Joxean Apeztegia
Muskildi eta Urdiñarbe herriak Zuberoako mendebaldeko zokondo batean daude. Biak Arbailetako eskualdean egokiro ezarriak, abiapuntu ezin hobeak dira, besteak beste, San Antoni eta San Gregori baseliza eta muino amiragarriak ezagutzeko. Behe ibarretan altxarazita egon ordez, tenpluok mendi bizkarra hobetsi dutela ematen du, eta, itsasargien antzera-edo, eskualdeko iparraldeko muga irizpide onez zehazten dute. Lili baratzeek jantzitako mendi tiniak ibiltarien aiduru agertuko dira, tankera hieratikoaren antzo. Alabaina, muinook ez dira ahuntzaren gauerdiko eztula; istorio zirraragarriz mukuru daude. Jakina, horretarako ezinbestekoa da haizearen mintzoa ezagutzea, Leire Bilbaok dioenez: «Haizeak leun jotzen du aurpegian xuxurla-xuxurla ipuinak eta pasadizoak kontatzen. Zenbat istorio ez ote ditu batetik bestera garraiatzen!». San Antoniko kapera 1385. urtean eraiki zuten, Agaramont eta Lüküzeko jaunek sinatutako bake hitzarmeneko berme gisa. San Gregori baselizatik hurren, ordea, Gaztelüzarre izeneko muinoa topatuko du ibiltariak lerro batzuk beherago deskribatzen den zidorrean. Gaur egun, eraikuntza historikoen artean katalogatuta dago, eta lurrez gotortutako eremu zirkular bitxia ikusiko du hurreratzen denak. Nafarroa Behereko muga-mugan izanda, bista harrigarriaz gozatzeko aukera eskaintzen dute gailur biek: Arbailako mendigune karstikoa, Basabürüko mendia eta Zuberoako ibarretan barreiaturik diren etxaldeak eta larre zabalak, beste leku askoren artean.
Urdiñarbeko eliza. Josean Gil-Garcia
Muskildi eta Urdiñarbe ibilbide bakar batera ekartzeko asmoa ez da ustekabea izan. Pier Paul Berzaitz kantari eta autore ezaguna Muskildi herrian sortua da, eta betidanik izan du lotura hertsia San Antoniko kaperarekin. Urdiñarbeko herri pintoreskoan, berriz, Jean Mixel Bedaxagar dantzari, txirula jotzaile eta kantaria sortua da. Artista biak dira pastoralen idazle, eta bi-biak kantuan emanak. Izan ere, euren ahotsa ederki baliatu dute doinu sarkorrez blaitzeko Euskal Herriko plazak. Berzaitzek dioenari segika, «kantagintza gauza indartsua da, gizarte baten egoera berezia salatzen duena. Oroz gainetik, lekukotasuna da». Badira kantuak, beraz, bihotzeraino iristen direnak, hots, lehen konpasak aditu bezain laster kemena eta adorea ematen dutenak. Nor ez da emozionatu amets sekretuz beteriko baratze bat imajinatzean? San Gregori baseliza Jar ditzala bidaztiak belarri biak dantzan, kantuaren xarmak ederki ferekatuko baitu, San Gregori, Gazteluzarre, Urdiñarbe eta Muskildiko bazterretan barna pinpilin-panpilin doalarik. Xantza on, bidazti!
San Gregoriko talaiara doan bidea Muskildi (Zuberoa) herrian hasten da. Gainaldea zapaltzeko ez da abiapuntu bakarra, baina Muskilditik abiarazten dena hartuta, ibiltariak mendilerro bereko makina bat tontor eta gune historiko bisitatzeko profitatuko du. Eliza ondoan hasiko da ibilian, udaletxea, frontoia eta beste eraikin batzuk altxatzen diren lekuan. Errepidean gora egingo ditu lehen pausoak, Oskaxeko mendate aldera. Bostehun metro inguru egin ostean, ur biltegi ttipi bat ikusiko da errepide ondoan. Erreferentzia ona izan ohi da eraikin xumea; izan ere, pittin bat aurrerago, asfaltoa utzi eta eskuinetik doan basabidea hautatuko du. Astigar xumeak, lizarrak eta haritzak bidaide, osteratxo polita osatuko du baso ttipian barrena. Bidea bitan banatzen denean, ezkerreko bidea hartu eta goratasuna hartzeari eutsiko zaio han. Belardi eremuetan sartu gabe, ordea, errepide estu batera iritsiko da.
Muskildiko pastorala. Josean Gil-Garcia
Eskuinera egingo du errepidean, eta maldan gora jarraituko. Itsasargi baten erara egokitua, San Antoni baseliza ikusiko du lerro berean airoski altxatua. Jarraitzen ari den errepideak lepoan lagako du oinezkoa. Ezkerraldean, Larregi izeneko muinoa altxatzen da. Errepidea laga, eta eskuinera joko du orduan. Nekazari bideaz baliatuko da orain hegiz hegi jarraitzeko. Kakoeta muinoa parez pare ikusiko du, landaretza trinkoak hertsiki harrapatuta. Izan ere, otaka alorrak eta lahar bihurriek ez dute errazten gora doan bidea. Beraz, muinoaren mendebaldea janzten duen belazearen azpitik jarraituko du, gailurrerako bideari muzin eginda. Kakoeta muinoa inguratu ostean, lerroari atxikita jarraituko du, betiere noranzkoari eutsirik. Gazteluzarre tontor aldera bideratuko ditu gero pauso geldoak. Tontorrera igotzeko, bi aukera izango ditu: eskuinetik edo ezkerretik. Behin gainaldean, sakonunea inguratu eta San Gregori tontor azpian zabaltzen den lepora jaitsiko da bizkor-bizkor. Edanleku batzuk ikusiko ditu lepoan. Urdiñarbe jomuga Behin lepoan, maldan gora egingo du, zuzen-zuzen. Aldats pikoari aurre eginda, baseliza inguratzen duen parkera iritsiko da. Baselizaraino iristen den errepidea hartuko du han, eta jaitsiera egingo. Horretarako, parkeko hesia igaro, eta, bide asfaltatua lagun, goratasuna galtzen hasiko da. Aintzirako bideari ekinez, bidebanatze batera helduko da. Lanbarako bidea alde batean utzi, eta eskuinetik jarraituko du, Larregiko bidetik. Bihurgune itxira heltzean, asfaltoa utzi, eta eskuinetik doan basabidea hautatuko du, betiere Urdiñarberako bideari oratzeko. Beraz, aldatsari aurre eginda, eskuinetik batuko zaio San Gregoriko lepotik jaisten den zidorra. Ezkerrera okertu eta zehar-zehar jarraituko du han, behera egin gabe, gaztainondoak, hurritzak eta lizarrak gidari. Aurrera egin ahala, ordea, goratasuna galtzen hasiko da. Ürrütiagerrea etxaldera helduko da, paisaiaz bapo gozatu ondoren. Etxaldearen erditik igaro, eta aurrera jarraituko du. Larzabaleko bidexka beherago batuko zaio. Noranzkoa aldatu gabe, aurrera joko du, asfalto gainetik. Urdiñarbe eta Muskildi herriak lotzen dituen errepidera iritsita, ezker-eskuin egin eta Urdiñarbeko eliza aurreko parkera iritsiko da.
Muskildiko San Antoni kapera. Josean Gil-Garcia
Pilotalekuaren atzeko zubia igaroko du GR-78a bidelagun. Bidebanatzean, eskuinera hartu, eta Jauregibehereko bidexkatik jarraituko du. Errepidera iritsita, ezkerretik jarraitu, eta, ehunka metro egin ostean, hots, Iratzabaleko bidea ezkerrean utzita, Ahünzbordako bidexka daraman nekazari bideari oratuko zaio. Metro batzuk baino ez ditu egingo; izan ere, berehala ezkerrera hartu beharko du, Arjelako bidean aurrera egiteko. Arto sailak eta belardiak inguruan dituela, hartxintxar bidean gora egingo du. Harik eta Organbideko lepora iritsi arte. Izen bereko baserria ikusiko du han. Eskuinera egingo du lepoan, eta Ehüzako leporantz abiatuko da. Aurrerago, Miranda Kaparreko bide asfaltatuarekin bat eginda, leporako bidea utzi eta behera doan bideari jarraituko dio, Muskildi aldera. Abarakia errekastoaren gainetik igaro ostean, Muskildin itxiko du San Gregoriko itzulia.
Bihar: Toloñoko eguerdiko haitza.
|
2023-7-20
|
https://www.berria.eus/albisteak/230913/euskotreneko-lanuzteak-80ko-erantzuna-izan-du-elaren-arabera.htm
|
Gizartea
|
Euskotreneko lanuzteak %80ko erantzuna izan du, ELAren arabera
|
ELA, ESK, CGT eta Independenteek lanuzteetara deitu dute gaur 07:00etatik 09:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.
|
Euskotreneko lanuzteak %80ko erantzuna izan du, ELAren arabera. ELA, ESK, CGT eta Independenteek lanuzteetara deitu dute gaur 07:00etatik 09:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.
|
Gaur lanuztea egin dute Gipuzkoa, Bizkai eta Arabako Euskotreneko langileek, ELA, ESK, CGT eta Independenteek deituta. Euskotrenek eskaintzen dituen zerbitzu guztietan egingo dute, hots, trenbide, tranbia, autobus eta funikularraren zerbitzuetan. 07:00etatik 9:00etara eta 18:00etatik 20:00etara izango dira. Langileen %80ek egin dute bat deialdiarekin, eta 50.000 erabiltzaileri eragingo die lanuzteak.
ELA sindikatuak ohar baten bidez azaldu duenez, «langileen nekearen erakusgarri» da protesta, «langile faltagatik, zerbitzu murrizketengatik eta zerbitzuaren okertzeagatik».
Hainbat arazo azaleratu nahi dituzte. Diotenez, geltokietako eguneroko zerbitzuen «%25 baino gehiago bete gabe» uzten dira, eta merkataritza arretarik ez dago. Jaietako gaueko zerbitzuetan eta zerbitzu berezietan segurtasuna bermatzeko langileak falta direla ere gaineratu dute. Egoera konpontzeko, sindikatuaren ustetan, «kalitatezko zerbitzua eskaintzeko beharrezkoak diren langileen plangintza eta kontratazioa» falta da.
Bide beretik, salatu dute ez zaizkiela ordaintzen aurreko urteetan egindako «gehiegizko» orduak, eta langileen atsedenaldiak murriztu dizkietela, besteak beste.
Horren aurrean, Euskotreneko langileek zuzendaritzari eskatu diote «beharrezkoak» diren kontratazioak egin ditzala «zerbitzuan kalitateari eutsi eta tentsio, arrisku eta gehiegizko lan-karga egoerak» saihesteko. Gainera, zuzendaritzarekin negoziazio prozesu bat «lehenbailehen» egiteko prest azaldu da sindikatua.
Euskotrenek jakinarazi duenez, lanuzteak dauden bitartean Eusko Jaurlaritzaren Lan eta Enplegu Sailak ezarritako gutxieneko zerbitzuak bermatuko dira.
|
2023-7-20
|
https://www.berria.eus/albisteak/230915/labek-bere-borroken-45-itxi-ditu-langileen-aktibazioari-esker.htm
|
Ekonomia
|
LABek bere borroken %45 itxi ditu, «langileen aktibazioari esker»
|
Sindikatuak salatu du urte gogorra izan dela eta patronalek ez dutela jarrera leundu. Alde horretatik, kritikatu du oso zaila gertatzen ari dela erakunde publikoekin negoziatzea.
|
LABek bere borroken %45 itxi ditu, «langileen aktibazioari esker». Sindikatuak salatu du urte gogorra izan dela eta patronalek ez dutela jarrera leundu. Alde horretatik, kritikatu du oso zaila gertatzen ari dela erakunde publikoekin negoziatzea.
|
LAB sindikatuak 92 enpresa edo sektore akordio itxi ditu azken hamar hilabeteetan, ekintza sindikala egiten ari zen gatazken %45,1 hain zuzen. Desoreka handia dago sektore edo patronalen arabera, eta salatu du egoera bereziki lazgarria dela sektore feminizatuetan eta zaintza eremuan. Azaldu du langileen aktibazioa dagoela akordioen muinean, eta patronalak ez duela jarrera leundu. Patronalak aipatzean, erakunde publikoen jarrera irmoa aipatu du. «Ez dute negoziatzen: baldintzak inposatu egiten dituzte», kritikatu du Oihana Lopetegi LABeko ekintza sindikaleko arduradunak.
«Urte gogorra izan da», laburbildu du Lopetegik: «Gatazken %25 itxita geneuzkala hasi genuen urtea, eta %45ekin amaitu dugu. Hori lortu bada, hein handi batean, gatazka asko piztu direlako izan da, eta langileen irmotasunarengatik». Ekintza sindikalaren urteko balantzearen aurkezpenean egin du diagnosia. Datu orokorrak hauek dira: LABek 204 borroka «piztu» zituen, 92 itxi, eta 108tan greba erabili zuen. Akuilu nagusiak erosahalmenaren galera eta zerbitzu publikoen aldeko aldarriak izan dira. Gaitzetsi du patronalaren jarrera ez dela aldatu, eta emaitza onak lortu badira gatazkarako joera handiarengatik izan dela: «Langileen pultsu horrek behartu ditu mugitzera».
Lopetegik azterketa kualitatiboa egin du, eta greben eragin ahalmena goratu. «Langileek greben hautua egin duten kasuetan, garaipen gehiago lortu dira. Hamar punturen aldea dago. Sektore feminizatuetan, berriz, alde hori hogei punturena da». Hainbesterako bai? Sindikatuaren datuen arabera, bai. Oro har, grebara deitu zuten gatazken %50etan egon zen akordioa; aldiz, greba gabekoetan %40koa izan da batezbesteko hori. Sektore feminizatuetan, berriz, %39 eta %19 dira batezbestekoak, hurrenez hurren.
Patronalek emakumeen lana «debaluatzen» dutela salatu du halaber, eta datu argigarriak eman. Industria sektorean gatazken %68 itxi dituzte; feminizatuetan, berriz, %29, eta zaintzan %25, «eta hori greba egin arren». Lopetegik nabarmendu du sektore feminizatuetako gatazka gehienak irekita daudela oraindik, eta horrek erakusten duela aitortzen zaien balioa: «Industrian greben eta mobilizazioen bidez patronala errazago mugiarazteak agerian uzten du desoreka hori. Balio eskasa ematen diete».
|
2023-7-20
|
https://www.berria.eus/albisteak/230916/turkiarekin-duen-harremana-nola-bideratu-eztabaidatzen-hasi-da-eb.htm
|
Mundua
|
Turkiarekin duen harremana nola bideratu eztabaidatzen hasi da EB
|
Ankarak berriki esan du talde komunitarioko kide bihurtzeko negoziazioak aktibatu beharko liratekeela berriro. Borrellen arabera, Turkia klubaren agendan dago atzera.
|
Turkiarekin duen harremana nola bideratu eztabaidatzen hasi da EB. Ankarak berriki esan du talde komunitarioko kide bihurtzeko negoziazioak aktibatu beharko liratekeela berriro. Borrellen arabera, Turkia klubaren agendan dago atzera.
|
Annalena Baerbock Alemaniako Atzerri ministroa argi mintzatu da gaur Bruselan, EB Europako Batasuneko estatu kideetako bere homologoekin bildu aurretik: Turkia talde komunitarioko kide bihurtzeko prozesua «guztiz etenda» egon da azkeneko urteotan. Nagusiki, Bruselak egozten dio Ankarari aurrerapausorik ez ematea zuzenbide estatuaren eta giza eskubideen eskakizunei dagokienez. Baina azken asteetan prozesua berriro aktibatzeko eskatu du Turkiak, eta horri buruz hitz egiteko batzartu dira gaur klubeko estatuetako Atzerri ministroak.
Ezustean heldu zen Ankararen eskaera, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen azken goi bileran, joan den uztailaren 11n eta 12an. Recep Tayyip Erdoganen Turkiako presidenteak baldintza bat jarri zuen Suediari aliantza militarrean sartzeko ezarri zion betoa kentzearen truke: Turkia EBko kide bihurtzeko negoziazioak berriro martxan jartzea. «Turkia 50 urte egon da Europako Batasunaren atean itxaroten, eta NATOko kide ia guztiak dira Europako Batasunekoak», nabarmendu zuen. Ankarak, azkenean, urtebeteren ondoren, betoa kendu zion Stockholmi.
Eta Suediako Gobernuak konpromiso bat agertu zuen, idatziz: «Turkia EBko kide bihurtzeko bat egite prozesua suspertzeko ahaleginak babestuko ditu Suediak». Horren guztiaren harira, Josep Borrell EBko diplomaziaburuak gaur adierazi du, ministroen bilera hasi aurretik, «albiste ona» dela Ankarak negoziazioak biziberritu nahi izatea. «Turkiarekin dugun harremanari nola heldu hitz egingo dugu. Denbora asko pasatu dugu Turkiaz hitz egin gabe, baina agendan dago berriro».
Turkiak 1987an egin zuen kide bihurtzeko eskaera —1993ra arte ez zuten EB eratu; beraz, EEE Europako Ekonomia Erkidegoan sartu nahi izan zuen—, eta orduz geroztik harreman tirabiratsua izan du talde komunitarioarekin. Europa ekialdeko edo Mendebaldeko Balkanetako herrialde bakar baten prozesua ez da hain luzea izan. Egin kontu: azkeneko 36 urteotan hamasei estatu bihurtu dira klubeko kide.
«Dinamika berri bat»
Etenda egon da prozesua, baina 2015eko errefuxiatuen krisiaz geroztik, Europako Batzordeak 8.000 milioi euro inguru eman dizkio Turkiari, Greziako muga —hau da, EBkoa— blindatu dezan, eta, modu horretan, batez ere Siriako gerratik ihesi doazenak atxiki ditzan. Lau bat milioi errefuxiatu siriar daude han. Hain zuzen, Turkiarekin duela urte batzuk egindakoaren antzeko akordio bat sinatu du asteon Europako Batzordeak Tunisiarekin, mugako kontrolak handitzearen truke.
Horri erreparatu gabe, Borrellek azpimarratu du Ukraina EBko kide izateko hautagai bihurtzeak —iaz formalizatu zuten pauso hori— «dinamika berri bat» sortu duela Europako Batasuneko «bizilagunen» artean. Diplomaziaburuaren arabera, behin Ukraina hautagai izanda, azkartu egin da prozesua Balkanetan, eta iruditzen zaio Turkiak ere «joko horretara» jokatu nahiko duela. Eta lehentasun bat jarri du prozesua martxan jartzerakoan: «Aduana batasuna modernizatzea eta bisatuen auziaz hitz egitea».
|
2023-7-20
|
https://www.berria.eus/albisteak/230917/hamahiru-boixos-nois-atxilotu-dituzte-indar-gorri-taldeari-egindako-erasoagatik.htm
|
Kirola
|
Hamahiru 'boixos nois' atxilotu dituzte Indar Gorri taldeari egindako erasoagatik
|
2022ko azaroaren 8an, Osasuna eta Bartzelonaren arteko lehia baino lehen, Boixos Nois taldekoak Indar Gorriko kideen ohiko elkargunera joan ziren, Ezpala tabernara, eta eraso egin zieten. Baliteke datozen egunetan atxiloketa gehiago egotea.
|
Hamahiru 'boixos nois' atxilotu dituzte Indar Gorri taldeari egindako erasoagatik. 2022ko azaroaren 8an, Osasuna eta Bartzelonaren arteko lehia baino lehen, Boixos Nois taldekoak Indar Gorriko kideen ohiko elkargunera joan ziren, Ezpala tabernara, eta eraso egin zieten. Baliteke datozen egunetan atxiloketa gehiago egotea.
|
Espainiako Poliziak hamahiru boixos nois atxilotu ditu Indar Gorri taldeari eraso egitegatik. Bartzelonaren aldeko ultra taldea da Boixos Nois. 2022ko azaroaren 8an, Osasuna eta Bartzelonaren arteko lehia baino lehen, Boixos Nois taldeko kideak Ezpala tabernara joan ziren –normalean, Indar Gorri taldea han elkartzen da–, Osasunaren jarraitzaileei eta tabernari eraso egiteko. Boixos Nois taldeko Casuals fakzioak egin zuen erasoa, eta Espainiako hainbat tokitan atxilotu dituzte, talde kriminal bateko kide izatea, besteri kalteak eragitea, desordena publikoa eta gorroto delitua leporatuta.
Casuals Bartzelonako ultren fakziorik oldarkorrenetakoa da. Erasoa jende talde handi batek egin zuen, aurpegia estalita eta beltzez jantzita. Gainera, lokala hankaz gora utzi zuten, eta hainbat gauza hautsi. Egurrezko makilak, metalezko barrak eta bengalak baliatu zituzten. Taberna barruan zeuden lagun batzuk zauritu zituzten, eta, are, baten bati lesio larriak eragin ere bai.
Erasoa nola planifikatu eta antolatu zuten ikertu du Espainiako Poliziak. Ondorioztatu dutenez, erasoa arrazoi ideologikoengatik gertatu zen: Boixos Nois taldea eskuin muturreko da; Indar Gorri, aldiz, ezker muturrekoa. Ideologia guztiz desberdinak izateaz gain, bi taldeen arteko harremana ez da batere ona. Bestalde, bi taldeak zenbait arazotan nahastuta egon dira azkenaldi honetan.
Instrukzio epaitegiaren aginduz abiatu dute operazioa. Taberna barruan zeuden hainbat pertsona inplikatuta daude; beraz, posible da atxiloketa gehiago egotea. Azkenaldian, Espainiako Polizia Nazionalak 95 pertsona atxilotu ditu ultrekin lotura dutelakoan.
|
2023-7-20
|
https://www.berria.eus/albisteak/230918/tourrak-pello-bilbao-ohartarazi-du-ikusle-bat-jotzeagatik.htm
|
Kirola
|
Tourrak Pello Bilbao ohartarazi du ikusle bat jotzeagatik
|
Frantziako Tourrak Pello Bilbaori ohartarazpen bat jarri dio, hamazazpigarren etapan ikusle bat jotzeagatik. Gernikarra ez dute postuz jaitsi gertakari horrengatik, eta podiumetik 2.05era dago oraindik.
|
Tourrak Pello Bilbao ohartarazi du ikusle bat jotzeagatik. Frantziako Tourrak Pello Bilbaori ohartarazpen bat jarri dio, hamazazpigarren etapan ikusle bat jotzeagatik. Gernikarra ez dute postuz jaitsi gertakari horrengatik, eta podiumetik 2.05era dago oraindik.
|
Frantziako Tourreko hamazazpigarren etapa jokatu zen atzo, eta Courchevelen amaitu zen. Han, Pello Bilbaok (Bahrain) hirugarren egin zuen, Felix Gallen (AG2R) eta Simon Yatesen (Jayco) atzetik. Euskal txirrindulariak ihesaldian sartzea lortu zuen, baina atzean gelditu zen aurtengo Tourreko mendaterik garaieneko azken kilometroetan, Lozen. Etapa osoa egin zuen gernikarrak, baina beste gertakari batengatik izan zen protagonista. Lozen gora ari zela, helmugatik hamar kilometrora, ikusle bat aurrean jarri zitzaion, eta txirrindulariak buruan jo zuen, gainetik kentzeko. Twitter bidez bideoa bolo-bolo zabaldu zen, eta zeresan handia eman zuen zaleen artean.
Gertakari hori dela medio, Tourrak ohartarazpena egin dio Pello Bilbaori. Hala ere, ez dio isunik jarri. Hori hala, txirrindulariak seigarren postuari eutsi dio lasterketako sailkapen orokorrean, eta podiumetik bi minutu eta bost segundora dago. Frantziako Tourrak Moutiersetik Bourgerako bidea egingo du gaur, eta gaurkoa kontuan hartuta, hiru etapa baino ez dira falta tropela Parisera iristeko.
|
2023-7-22
|
https://www.berria.eus/albisteak/230919/tolonoko-eguerdiko-haitza.htm
|
Bizigiro
|
Toloñoko eguerdiko haitza
|
Toloño mendia lirain altxatzen da Arabako hegoaldean, Ebro ibaia eta Mendialdeko pagadi eta hariztiak gurutzatzen diren toki magikoan. Eguzki erloju bat gordetzen du Toloñoko mendebaldeko ertzak. Hara jota, ibiltaria historiaz, artez, kondairaz eta naturaz blaituko da.
|
Toloñoko eguerdiko haitza. Toloño mendia lirain altxatzen da Arabako hegoaldean, Ebro ibaia eta Mendialdeko pagadi eta hariztiak gurutzatzen diren toki magikoan. Eguzki erloju bat gordetzen du Toloñoko mendebaldeko ertzak. Hara jota, ibiltaria historiaz, artez, kondairaz eta naturaz blaituko da.
|
Toloño mendilerroa kilometro asko hartzen dituen harresi karstiko bat da. Mendialdea eta Arabako Errioxa banatzen dituen eremu malkartsua. Mendizaleek izugarri estimatzen dute mazelak korritzen dituzten xendetatik ibiltzea, hegazti saldoak bere habiara bueltatzea gustuko duen bezalaxe. Beti dago-eta aitzakia egoki bat Toloño mendi gailurretara igotzeko. Izen bera daraman mendi nagusia mendebaldean gailentzen da, Buradon Gatzaga, Peciña, Bergantzu, Ozio eta Bastida herriek ixten duten paraje zirraragarrian. XX. mendearen erdialdetik aurrera, postontzi bat agertu zen Tabornigako atakaren gainean gailendutako hormatzarraren erpinean. Toloño izena hartu zuen bazter horrek ere. Eta hainbat urtez nahasmena ekarri zuen mendizaleen artean. Gaur egun, haatik, mendebaldeko ertza eguzki erloju batekin lotua da.
Peñaslasdoce esaten dioten talaia bitxia deskubrituko du ibiltariak urratsak mendebaldeko mendi urdinxkarantz eginez gero. Ortadako belardiaren eta Tabornigako etxe gainean gailentzen diren Pikatxoen artean agertuko da talaia hura. Esaten dute izena eguerdian proiektatzen duen itzaletik datorrela. Nonbait, garai batean eguzki-erloju lanak egiten zituen oinarrian finkatzen diren herrientzat. Ezohiko parajea da, benetan. Izan ere, harritzarra txapel handi baten moldean banantzen da goialdeko ezproitik. Ikaragarria! Egunaren xarma solasaldirako aproposa izan daiteke haren babesean. Hegaztiak ere pausatu nahirik ikusiko dira horma ospelean, hara-hona, haize garbiaren abaroan.
Toloñoko santutegia suntsituta geratu zen karlistaldiaren ondoren. Josean Gil-Garcia
Aspaldi Toloñoko gainaldeak ermita xume bat ezagutu zuen moduan, gaztelu bat ere gailendu zen han goian. Nafarroako erresumaren defentsa gotorlekuetako bat izan zen. XV. mendearen erdialdean-edo liskarrak baretu zirenean, ordea, behin bizi baldintzak aldatu zirelarik, gaztelua gain behera joan zen. Erabat desagertu arte. Mende batzuk geroago, baina, protagonismo osoa bereganatu zuen gaztelutik gertu eraikitako santutegiak. Calahorrako apezpikuak jeronimoen ordenako fraideei utzi zien XIV. mendean. Han bizi izan ziren komunitate moduan; akaso, munduko arazoez ahantzirik. Argiaren azkenak, ordea, 1422an ikusi zituzten fraide umilek. Antza denez, bizi baldintza latzek erlijiosoen erretiratzea ekarri, eta erreinu sotila betiko laga zuten. Inguruko hiribilduek Dibisa eratu ostean, adore handiz aritu ziren herritarrak, jo eta su, Toloñoko santutegiak erdietsitako ospea berreskuratzeko nahian. Karlistaldiak iritsi ziren arte. Orduan, urre kolorez tindatu ziren Bastidako zeru-lurrak. Anda (Kuartango, Araba) herritik ekarritako marmol beltzak eta Urizaharreko harlandu zuriak araztasunari eutsi ezinik, suteak hunkitura eta samina ekarri zituen. Akabo, orduan, erromesak eta erritualak. Kito elurtegietako urre zuria. Eta fini ilargiaren dirdira tenpluaren horma garbietan. Bastidatik Aireko atakara Bastidako (Araba) San Gines parkean emango zaio hasiera Toloñoko tontorreraino lagunduko duen ibilbide zirkularrari. Ibiltaria aparkalekuaren muturrean jarriko da abian. Bertan dauden bi nekazari bideetatik, alboan utziko du Toloñoko monasteriora doana —ohiko igoera da Toloñoko gailurrera joateko—. Bisitariak bestea hartuko du, magaletik barrena suabe-suabe doana, hots, Tresenraya izenburua hartu duen ibilbidea. Beraz, Peñalacruz eskuinaldean altxaturik duela, aurrez aurre San Cristobal mendiko muraila dela, ibilian-ibilian hasiko da sosegu handiz.
Paisaia zabala ikusten da Toloñoko santutegitik. Josean Gil-Garcia
Arte dotore bat ikusiko du berehala, aurri egoeran dagoen eraikin baten parera iristen denean. Enebros bidea ezkerretik batu, eta, noranzkoa aldatu gabe, aurrerapausoak egingo ditu, goratasun handirik hartu gabe oraingoz. Alepo pinuak eta arte trinkoak hazten diren lekuan, Silorako bidea eskuinaldean utzi eta beherago doana lehenetsiko du. Hurrengo bidebanatzean, Tresenraya deituriko harria agertuko da bide ondoan. Kontatzen denez, bertan aritzen ziren parajeok bisitatzen zituzten artzainak soseguaz, baretasunaz eta jostetaz gozatzen. San Julian bidean aurrera egingo du gero, betiere alde batera utzirik ibarrera doan bidea. Hala, zehar-zehar jarraituko du, alepo pinuak (Pinus halepensis) eta arteak bidelagun dituela. Berehala hasiko da goratasuna hartzen. Basabide nagusiak ezkerrera egiten duenean, konpainian eraman duen bidea utzi eta haren eskuinetik irteten den basabidean gora egingo du. Gain-gainean Toloño mendilerroko mendebaldeko punta nabarmenduko da, desafiozko keinu baten erara. Hormatzarraren goiko erpina helburua izanda ere, proposatutako bideak inguruka eramango du txangolaria, betiere Aireko atakatik goiko ordokiak eta malkarrak aise gailentzearen kariaz. Majadas putzua bide ondoan lagata, konglomeratuzko blokeen artetik igaro eta Pikatxook atzean lagata, Aireko atakara iritsiko da. Eguzki erlojua Langa gurutzatu, eta eskuinera joko du. Toloñoren ipar isurialdera igaro da, eta horren eragina ziztuan nabarituko du. Tarteka-marteka, pagoak eta haritzak ikusiko dira, hezetasunaren eta goratasunaren eraginaren seinale. Basabideak goratasun guztia hartutakoan, adi ibiliko da desbideratzea hartzeko. Beraz, une horretan, pistatik irten eta eskuinetik doan zidorrari jarraituko dio. Tinda berdeko arrastoek eta bidarritxoek bapo-bapo lagunduta, aurrez aurre hazten den pagadira joko du, zuzen-zuzen. Sigi-saga ibiliko da hasieran, ezpela eta ipuruak izurtzen. Zelai batera iritsita, belazea alderik alde zeharkatu eta, azkenik, bat egingo du pagadiaren errainuarekin. Basotik irtenda, Toloño mendilerro karstikoa bete-betean harrapatuko du. Mendebaldeko muturrean, gainera, Eguerdiko haitza izena duen harkaitz berezia agertuko da. Begirada estanpa horretan jarrita, bidezidorrak belardi zabal batera iristen lagunduko du. Belardian gora egin, eta lepora iritsiko da.
Eguzki erloju bat gordetzen du Toloñoko mendebaldeko ertzak. Josean Gil-Garcia
Soa lepotik behera luzatuta, Pikatxoen erpin konglomeratikoak nabarmenduko dira artadiak osaturiko itsaso berdean. Lepoan, ezkerrera egin eta hesiaren ondoan ibiltzen hasiko da. Noranzkoari men eginez, lepora iritsiko da. Eskuinaldean, bi gain karstiko bezain pintoresko izango ditu. Ederrak, benetan! Ezkerraldean, berriz, txapela erakusten duen hormatzarra ikusiko du, Eguerdiko haitza izena hartu duen gandorra. Txapelaren azpian jarrita, naturak harkaitzean sorrarazitako forma apetatsuaz gozatzea besterik ez da. Gero, inguruan sona handia duen harkaitz hori eskuinaldean laga, eta, bidexkari segika, haren gain-gainean jarriko da. Hor Toloño izena duen postontzia ikusiko du. Panorama itzela irekiko zaio handiko goitik. Errioxaldeko ordokia bete-betean harrapatuko du gainaldeko talaiatik. Atze-atzean, gainera, San Lorenzo eta Demanda mendiguneko hainbat zoko eta bazter. Toloñoko santutegia Postontziari bizkarra eman, eta Gaztelu aldera egingo du, hots, lerro berean harrizko dorre baten erara altxatutako monolito erraldoiaren aldera. Galdorretik ibili gabe, bidexkak goi ordoki aldera joko du, eta, astiro-astiro, Toloñoko monasteriora iritsiko da. Tenplua eskuinaldean utzita, Bastidara xendari ekingo dio. Bidexkak behera egiten lagunduko du. Santutxora iritsita, eskuinera hartu eta goratasuna galtzen segituko du. Bide nagusitik irten gabe, eta ibilian hainbat minutu eman ostean, Artzainen harria izena duen harri puska baten ondoan izango da. Haren atzetik jarraituko du, sigi-saga doan xendari men eginez. Basabide batekin topo egingo du beherago. Orduan, eskuin-ezker eginda, xendari oratu eta San Gines parkean amaituko du ibilbidea.
|
2023-7-20
|
https://www.berria.eus/albisteak/230921/4000-lagunek-energia-berriztagarrien-lurralde-plana-atzera-botatzeko-alegazioak-aurkeztu-dituzte.htm
|
Gizartea
|
4.000 lagunek energia berriztagarrien lurralde plana atzera botatzeko alegazioak aurkeztu dituzte
|
Jaurlaritzak, Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialari hasierako onarpena eman, eta alegazioak aurkezteko 45 eguneko epea jarri zuen maiatzean. Plan horretan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan guztira 110 zentral eoliko eta parke fotovoltaiko kokatzea aurreikusten zuten.
|
4.000 lagunek energia berriztagarrien lurralde plana atzera botatzeko alegazioak aurkeztu dituzte. Jaurlaritzak, Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialari hasierako onarpena eman, eta alegazioak aurkezteko 45 eguneko epea jarri zuen maiatzean. Plan horretan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan guztira 110 zentral eoliko eta parke fotovoltaiko kokatzea aurreikusten zuten.
|
Lurraren defentsan, Euskal Herria Bizirik plataformak jakinarazi du 4.000 bizilagunek, elkartek eta udalek Arantxa Tapiaren sailak bultzatutako LPS Lurralde Plan Sektoriala atzera botatzeko eskatu dutela. Horrez gain, gaur egun izapidetzen ari diren eskala handiko zentral eolikoen eta parke fotovoltaikoen proiektuak gelditzeko eskatu dute. Hainbat udalek, naturaren aldeko taldek, nekazari elkarte zein sindikatuk, gizarte kolektibok eta plan honek zuzenean eragiten dieten bizilagunek alegazio dokumentu sakonagoak aurkeztu dituzte, honako gai hauek azaltzeko.
Euskal Herria Bizirik-en ustez, aurkeztutako alegazio dokumentuak izandako babesak erakusten du erantzun sozial «zabala» eman dutela. Horri dagokionez, salatu dute Eusko Jaurlaritzak udalen eta aldundien parte hartze publikoa «gutxitzeko» asmoa izan duela, alegazioak aurkezteko epea udal eta foru hauteskundeen aldiarekin batera eman duenez gero.
Euskal Herria Bizirik plataformak alegazioak aurkezteko ekitaldia egin du gaur Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan, Arantxa Tapiaren sailak ezarri nahi duen plana ezesteko eskatzeko. Alegazioa aurkeztu dutenek uste dute plan horren helburua dela energia eolikoaren eta fotovoltaikoaren makroproiektuen abiatzea «bizkortzea». Horrekin batera, salatu dute energia enpresa handiei eta inbertsio funtsei «mesede» egiten dien eredu bat «bultzatzen» duela, lurralde, gizarte eta ingurumen inpaktu «handiak» eraginez.
Alegazioen arabera, LPSa bateraezina da naturaguneak, basa espezieak, biodibertsitatea eta korridore ekologikoak babesteko araudiekin. Planaren Ingurumen Azterlan Estrategikoaren arabera, kokaleku eolikoek eragingo luketen inpaktua «gogorra» izango da, «basa faunaren zuzeneko hilkortasuna» eragingo lukeelako. Horrez gain, uste dute korridore ekologikoen, floraren eta paisaiaren gaineko eraginaren ondorioz «ingurumen eraldaketa nabarmena» eragingo lukeela.
|
2023-7-20
|
https://www.berria.eus/albisteak/230922/ehuko-graduatuen-90ek-dute-lana-lanbideren-txosten-baten-arabera.htm
|
Gizartea
|
EHUko graduatuen %90ek dute lana, Lanbideren txosten baten arabera
|
Laneratzeari buruzko txosten bat egin du Lanbidek. Lan batean hasi arteko batez besteko denbora hiru hilabetekoa da.
|
EHUko graduatuen %90ek dute lana, Lanbideren txosten baten arabera. Laneratzeari buruzko txosten bat egin du Lanbidek. Lan batean hasi arteko batez besteko denbora hiru hilabetekoa da.
|
EHUko 2019ko promozioko tituludunak aztertu ditu Lanbidek Laneratzeari buruzko azterlana txostenean. 4.369 pertsonak –horietatik 2.576 emakumezkoak– betetako inkesta baten bidez atera dituzte emaitzak. Horren arabera, promozioko tituludunen ia %90ek dute lana graduko ikasketak amaitu eta hiru urtera.
Hogei bat titulaziotan, okupazio tasa ia %100ekoa da. Adibidez, Euskal Filologia, Medikuntza eta Odontologia ikasitakoen artean.
Sexu arrakala
Datuak sexuaren arabera aztertuz gero, sexu arrakalak bere hartan irauten du. Gizonezkoen okupazio eta enplegu tasa emakumezkoena baino bi puntu gorago dago. Eta emakumezkoen soldata txikiagoa da, 1.637 eurokoa; gizonezkoena, berriz, 1.673 eurokoa da, batez beste.
Lanaldi partzialetan eta lanaldi murriztuetan emakumezkoen ehunekoa handiagoa da. %26ek dute lanaldi partziala emakumezkoen artean, eta %16k gizonezkoetan. Lanaldi murriztuetan ere, emakumezkoen ehunekoa gizonezkoena baino ia bost puntu handiagoa da.
Eva Ferreira EHUko errektorearen hitzetan, okupazio tasak «sexu arrakala badagoela eta hori landu behar dela» erakusten du, baina, hala ere, esan du datu guztiak «oso ontzat» jotzen dituztela. Unibertsitateko ikasketek gaur egun ere «prestakuntza intelektual sendoa» ematen dutela erakusten dute datuok, Ferreiraren arabera, eta unibertsitatea «eraginkortasun handiko tresna» dela oraindik ere epe labur eta ertainean «irtenbide profesionala lortzeko itxaropena sendotzeko». Horren erakusgarritzat dauka okupazio tasa eta ikasketei lotutako enplegu tasa iaz baino hiru eta bi puntu gorago egotea, hurrenez hurren.
Lan egoera
Tituludunen lan egoerari dagokionez, lautik hiruk beste baten kontura lan egiten dute. Bestalde, %3,66 nor bere kontura lanean ari dira, %6,39k ikasten jarraitzen dute, eta gainerakoek doktorego aurreko eta ondoko kontratuak dituzte, langabezian daude, ezintasunen bat dute, kooperatiba baten bazkide dira, eta abar.
Egindako ikasketei lotutako enplegua dute ia gehienek (%86), eta, batez beste, bilatzeari ekin eta hiru hilabeteren buruan hasten dira lanean. Soldatak eta lanaldiak aztertuz, lanaldi osoa dutenen batez besteko soldata hamalau ordainsaritan banatuta dago, eta 1.673 euro garbikoa da. Hurrenez hurren, osasun zientzien arloko soldatak (1.908 euro), ikasketa teknikoei lotuta daudenetakoak (1.747 euro) eta giza zientzien esparrukoak (1.620 euro) dira handienak.
2019ko promozioko tituludunen %76 Gipuzkoan, Bizkaian edo Araban bizi dira, eta eremu horretan lan egiten dute; atzerrian daudenak, berriz, %3 dira. Lanpostuak baloratzeko orduan, lanpostuari dagokion eginkizuna, egonkortasuna eta soldaten zenbatekoa dira kontuan hartzen diren puntuak.
Lan merkatuan sartzeko bideei erreparatuz, tituludunek ingurune sozial eta profesionalari (%26,9) eta oposizioei (%18,7) ematen diete garrantzia. Ondoren, curriculuma eta enplegu zerbitzuan alta ematea, unibertsitate ingurunea eta eskaintza jakinei emandako erantzuna egongo lirateke. Eta azkenik, garrantzi txikiagoarekin, prestakuntza osagarria, curriculumetik kanpoko praktikak eta autoenplegua.
Hizkuntzei dagokionez, ia erdiek egunero erabiltzen dute euskara, eta ingelesa hirutik batek.
|
2023-7-20
|
https://www.berria.eus/albisteak/230923/emakume-bat-atxilotu-dute-fiteron-bere-hiru-seme-alabak-hiltzen-saiatzea-egotzita.htm
|
Gizartea
|
Emakume bat atxilotu dute Fiteron, bere hiru seme-alabak hiltzen saiatzea egotzita
|
3, 5 eta 9 urteko umeak ospitaleratu egin dituzte, horietako bat oso larri, amak ustez arma zuri batekin eraso egin ostean. Guardia Zibilak esan du parrizidio saiakera bat izan dela.
|
Emakume bat atxilotu dute Fiteron, bere hiru seme-alabak hiltzen saiatzea egotzita. 3, 5 eta 9 urteko umeak ospitaleratu egin dituzte, horietako bat oso larri, amak ustez arma zuri batekin eraso egin ostean. Guardia Zibilak esan du parrizidio saiakera bat izan dela.
|
Emakume bat ustez 3, 5 eta 9 urteko seme-alabak hiltzen saiatu da gaur Fiteron (Nafarroa), Guardia Zibilak jakinarazi duenez. Adingabeak ospitaleratu egin dituzte, horietako bat, txikiena, oso larri. Foru Erkidegoko Polizia Judizialeko Taldea ari da gertakariak ikertzen, baina, ikerketako iturriak aipatuz hainbat hedabidek zabaldu dutenez, amak arma zuri batekin eraso egin die hiru umeei, eta pozoia hartzera behartu ditu. Ondoren, emakumea bere burua hiltzen saiatu da. Guardia Zibilak esan du parrizidio saiakera bat izan dela.p>
Umeetako bi Tuterako Reina Sofia ospitalera eraman dituzte, eta bestea, txikiena, Nafarroako Unibertsitate Ospitalera, larri.p>
Gertakariak 12:30ak aldera izan dira, Fiteroko Kale Nagusiko etxebizitza batean. Bi adingabe zaharrenek kalera irtetea lortu dute erasoaren ondoren, eta gertuko pertsona bati laguntza eskatu diote; bizilagun batek eman dio abisua Guardia Zibilari. Polizia hara joan denean aurkitu du emakumea haur txikiarekin. Ama ospitalera eraman dute, Poliziaren zaintzapean. Guardia Zibilak ingurua hesiz itxi du, eta gertatutakoa ikertzen ari da.
Miguel Agirre Fiteroko alkateak adierazi du herria «atsekabetuta, erabat harrituta eta kezkatuta» dagoela gertatutakoarekin: «Gorputza izoztua dugu». Alkateak erantsi du haurren aitarekin harremanetan ere jarri dela, eta laguntza eskaini diola; ospitalera bidean zihoan gizona. Gertatuaren inguruko adierazpen bat onartzeko asmoz biltzekoa da udalbatza.
|
2023-7-20
|
https://www.berria.eus/albisteak/230924/asgreenek-irabazi-du-hemezortzigarren-etapa.htm
|
Kirola
|
Asgreenek irabazi du hemezortzigarren etapa
|
Quick-Stepeko txirrindularia izan da azkarrena Frantziako Tourreko hemezortzigarren etapan. Ihesean aritu da beste hiru txirrindularirekin batera, eta tropelak ez ditu harrapatu.
|
Asgreenek irabazi du hemezortzigarren etapa. Quick-Stepeko txirrindularia izan da azkarrena Frantziako Tourreko hemezortzigarren etapan. Ihesean aritu da beste hiru txirrindularirekin batera, eta tropelak ez ditu harrapatu.
|
Garaipen handia eskuratu du Kasper Asgreen (Quick-Step) Frantziako Tourreko hemezortzigarren etapan. Eguneko ihesaldian sartu da danimarkarra, eta tropelak ez ditu harrapatu. Aldea minutu eta erditik behera mantendu du talde nagusiak une oro, baina, gutxi falta izan zaien arren, azkenean ez dute indarrik izan iheslariengana iristeko. Sailkapen nagusiko lehen postuetan ez da aldaketarik izango, elkarrekin iritsi baitira taldeburuak.
185 kilometroko ibilbidea egin dute Moutiersetik Bourg-en-Bressera Frantziako Tourreko hemezortzigarren etapan, eta 152 txirrindulari abiatu dira. Hutsune argi bat izan da tropelean: Wout Van Aert (Jumbo-Visma). Flandriarra aita izatekotan dago, eta, behin taldeak Tourra bideratuta utzi duenean, emaztearekin batera haurraren jaiotzan egoteko erabakia hartu du. Van Aert ez da iazko Tourrera iritsi zen gorputzaldiarekin iritsi. Ez du etapa garaipenik eskuratu, baina goi mailako txirrindularia dela erakutsi du. Berebiziko garrantzia izan du Jonas Vingegaarden (Jumbo-Visma) orain arteko emaitzetan.
Bestalde, Ion Izagirrek 300 etapa egin ditu gaurkoarekin hiru asteko itzuli handietan. Ormaiztegikoak garaipen bat eskuratu du Italiako Giroan, beste bat Espainiako Vueltan, eta beste bi Frantziako Tourrean; azkena, aurten, hamabigarren etapan.
Etapari dagokionez, ibilbideak ez zeukan zailtasun handirik. Bi mendateri egin behar izan diete aurre txirrindulariek, baina tropeleko txirrindularirik azkarrenentzako moduko etapa zela argi eta garbi zegoen hasiera-hasieratik. Epaileak hasiera eman orduko sortu da eguneko ihesaldia. Bertan sartu dira Victor Campenaerts (Lotto), Asgreen eta Jonas Abrahamsen (UnoX), baina tropelak motzean lotu ditu. Alpecinek, DSMk eta Jaycok beren esprinterren aldeko apustu irmoa egin dute, eta iheslariek minutu inguruko aldea izan dute gehienez. Helmugarako 60 kilometro falta zirenean Pascal Eenkhoorn (Lotto) batu zaie iheslariei, tropela berrogei segundora zegoela. Herbehereetakoak freskotasuna eman dio taldetxoari, eta 1.20ra handitu dute tartea.
Aise lortuko zutela zirudien, baina iheslariak elkarlanean aritu dira, eta garesti saldu dute euren larrua. Tropelean, gainera, Quick-Stepeko zenbait txirrindulari lehen postuetan jarri dira, iheskidearen mesedetan tropeleko taldeen erreleboak oztopatuz. Mokoka aritu dira talde nagusian, eta hori baliatu du aurreko laukoteak. Sokatiran aritu dira, tira eta tira, eta, azkenerako, bost segundoren tartean iritsi dira azken kilometrora.
Tropelean ez dute indarrik izan aurreko laukotea harrapatzeko, eta lau iheslarien artean erabaki da etapa garaipena. Asgreenek berak abiatu du esprinta, tropela gain-gainean zeukatela, eta danimarkarra bera izan da helmuga gurutzatzen lehenengoa. Quick-Stepek lortu duen lehen garaipena da Tour honetan.
|
2023-7-20
|
https://www.berria.eus/albisteak/230925/irungo-lakaxita-gaztetxean-bortxaketa-bat-izan-dela-salatu-dute.htm
|
Gizartea
|
Irungo Lakaxita gaztetxean bortxaketa bat izan dela salatu dute
|
Larunbatean protesta egitera deitu dute gaztetxeko kideek.
|
Irungo Lakaxita gaztetxean bortxaketa bat izan dela salatu dute. Larunbatean protesta egitera deitu dute gaztetxeko kideek.
|
Irungo Lakaxita gaztetxean (Gipuzkoa) bortxaketa bat izan zen uztailaren 8an, gaztetxeko kideek eurek Twitter bidez jakinarazi dutenez. Xehetasun gehiagorik ez dute eman, baina larunbatean elkartzera deitu dute, «erasoa jasan duen emakumeari elkartasuna adierazteko eta erasotzaileari amorrua eta nazka erakusteko». Irungo San Joan plazan izango da protesta, 13:00etan.
|
2023-7-20
|
https://www.berria.eus/albisteak/230926/erresuma-batuko-lehen-ministroak-gaitzetsi-egin-du-bruselak-malvinak-izena-erabili-izana.htm
|
Mundua
|
Erresuma Batuko lehen ministroak gaitzetsi egin du Bruselak 'Malvinak' izena erabili izana
|
Uharteotako biztanleek euren etorkizuna erabakitzeko eskubidea dutela zalantzan jartzea «onartezina» litzatekeela argudiatu du Rishi Sunakek.
|
Erresuma Batuko lehen ministroak gaitzetsi egin du Bruselak 'Malvinak' izena erabili izana. Uharteotako biztanleek euren etorkizuna erabakitzeko eskubidea dutela zalantzan jartzea «onartezina» litzatekeela argudiatu du Rishi Sunakek.
|
Europako Batasuneko ordezkariak Latinoamerikako eta Karibeko Estatuen Komunitate (Celac) ordezkariekin batzartu ziren asteartean Bruselan. Goi bilkura horren ostean adierazpen bat plazaratu zuten, eta, horretan «Falkland uharteak/Malvinak» izena erabili zuten. Argentinarrek erabiltzen duten izena sartu izanak haserrea piztu du Londresen.
The Guardian egunkariak gaur argitaratu duenez, Erresuma Batuko lehen ministro Rishi Sunakek Europako Batasuna kritikatu du «hitz aukeraketa penagarriarengatik». Haren eledun batek adierazi duenez, «lehen ministroaren arabera, erabat onartezina litzateke EBk zalantzan jartzea Falkland uharteko biztanleek euren etorkizuna erabakitzeko duten eskubidea». Londresek argudiatu duenez, «Falkland uhartean britainiarrak dira, hala hautatu zutelako irletako biztanleek eurek».
Edonola ere, eledunak gaineratu du Bruselari eskatu diotela jarrera argitzeko, eta EBk adierazi diela uharteon inguruan duten jarrera ofiziala ez dela aldatu. Argentinako Atzerri ministerioak Bruselako adierazpena txalotu zuen asteartean, «aurrerapen diplomatiko esanguratsua» delakoan. «Historian lehen aldiz», idatzi zuen Buenos Airesek «EBk Latinoamerikaren eta Karibearen jarrera aintzat hartu du».
Edonola ere, onarturiko adierazpenean EBk Celacen jarreraz «oharra hartu» duela adierazten dute, ez besterik: «Falkland/Malvinen gaineko subiranotasunaren inguruan, Europako Batasunak oharra hartu du Celacen jarrera historikoaz, elkarrizketan eta gatazka bide baketsutik konpontzeko nazioarteko zuzenbidean oinarrituta».
Iaz bete ziren 40 urte Argentinaren eta Erresuma Batuaren arteko gerra hasi zela. Argentinako armadak 1982ko otsailean hartu zituen Atlantikoko irlak, eta uhartedia berreskuratzeko bonbardaketak maiatzean hasi zituzten britainiarrek. 74 egunen ostean, argentinarrek amore eman zuten. 900 bat pertsona hil ziren gerran, horietako 649 Argentinako militarrak. Porrotak azkena eman zion Argentinako diktadurari, eta gerraren zauriak zabalik daude oraindik Hego Amerikako herrialdean.
Erreferenduma egin zuen Malvinetako Gobernuak 2013. urtean. Horretan, uharteko 1.500 bozkatzaileen %92k bozkatu zuen, eta %99,8k adierazi zuten Erresuma Batuaren barruan jarraitu nahi zutela. Argentinak argudiatu zuenez, «biztanleak britainiarrak dira, baina uharteak Argentinakoak».
|
2023-7-20
|
https://www.berria.eus/albisteak/230927/mineral-kritikoen-merkataritzari-buruz-negoziatzen-hasi-da-brusela-aebekin.htm
|
Ekonomia
|
Mineral kritikoen merkataritzari buruz negoziatzen hasi da Brusela AEBekin
|
AEBek onartutako IRA Inflazioa Murrizteko Legeak Europako meatzaritzari ez eragitea nahi du Bruselak.
|
Mineral kritikoen merkataritzari buruz negoziatzen hasi da Brusela AEBekin. AEBek onartutako IRA Inflazioa Murrizteko Legeak Europako meatzaritzari ez eragitea nahi du Bruselak.
|
Joe Biden AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidentearen administrazioak iazko abuztuan onartutako IRA Inflazioa Murrizteko Legeak bazterrak nahastu zituen Europan, neurri protekzionistatzat eta merkataritza askearen aurkakotzat hartu baitzen. Hala, Brusela lanean jarri zen lege horrek sor zitzakeen eragin negatiboei aurre egiteko, baina orain beste bide bati heldu dio Europak: negoziazioari. Europako Kontseiluak baimena eman dio Europako Batzordeari AEBekin mineral kritikoen akordio bat negoziatzeko.
Gaur hasi dira bilerak egiten, Valdis Dombrovskis Europako Batzordeko merkataritza arduraduna eta Katherine Tai AEBetako merkataritza ordezkaria elkartu baitira Bruselan. Mineral kritikoen akordioak «azkar» aurrera egitea espero du Europako ordezkariak, sare sozialen bidez adierazi duen moduan.
Akordio horren bidez, Europako Batasunak mineral kritikoen salerosketan AEBen bazkide batzuek duten merkataritza askeko estatusa izatea nahi du Bruselak. Izan ere, IRAri esker, AEBek 369.000 milioi dolarren dirulaguntzak banatuko dituzte inbertsio berdea bultzatzeko, eta eragin handia izango du mugikortasun elektrikoan. Ibilgailu elektrikoak edo emisio txikikoak erosteko laguntzak izango dira, betiere bateria horien zatiren bat AEBetan edo Merkataritza Askeko Ituna duen herrialderen batean ekoitzia izan bada.
Hala, akordio horri esker EBk antzeko estatusa izango balu, AEBetako merkatuan jarraituko luke Europak. Gainera, akordioa sinatuz gero, Europan hazten ari den industria batek, mineralen erauzketarako, eraldaketarako eta birziklapenerako industriak, hainbat funtsen inbertsioak erakarriko ditu.
Europako Batzordeak AEBekin akordio bat lortzen badu, batasuneko 27 herrialdeek eta Europako Parlamentuak onartu egin beharko du akordio hori bera.
|
2023-7-20
|
https://www.berria.eus/albisteak/230928/bilbon-haurdunaldi-subrogatuari-buruzko-kongresu-bat-egiten-ari-direla-salatu-dute.htm
|
Gizartea
|
Bilbon haurdunaldi subrogatuari buruzko kongresu bat egiten ari direla salatu dute
|
Gaur hasi da nazioarteko kongresua, eta Itaiak horren aurka protesta egin du Bilboko Azkuna zentroaren aurrean
|
Bilbon haurdunaldi subrogatuari buruzko kongresu bat egiten ari direla salatu dute. Gaur hasi da nazioarteko kongresua, eta Itaiak horren aurka protesta egin du Bilboko Azkuna zentroaren aurrean
|
Emakumeei eta haurdunaldi subrogatuei buruzko nazioarteko kongresu bat egiten ari dira Bilbon egunotan: gaurtik larunbatera izango da, Azkuna zentroan. Hori salatzeko, Itaiak elkarretaratzea egin du gaur, 15:00etan, Azkuna zentroaren beraren aurrean. EHGAMek eta Euskal Herriko Bilgune Feministak ere kongresua gaitzetsi dute.
«Alokairu sabelak amaitu» eta «Zuen aberastasuna gure miseria». Oihu horiekin ekin diote Itaiak antolatu duen elkarretaratzeari. «Emakume langileen esplotazio erreproduktiboan eta umeen salerosketan» oinarritzen den praktika «zuritzera, sustatzera eta normalizatzera» etorri direla salatu dute. Horrez gain, kongresua espazio publiko batean egiten ari denez gero, instituzioek alokairuko sabelak «legitimatzen» dituztela ere gaitzetsi dute: «Prozesu horren deshumanizazioa muturrekoa da, eta praktika horrek milaka eta milaka emakumeren esplotazio erreproduktiboa legitimatzen du».
Espainiako Gorteek aurten, abortuaren lege erreforman, indarkeria gisa definitu dituzte alokairuko sabelak. Halere, Naia Izko Itaiako kideak kritikatu du erakundeek «gutxi» egin dutela praktika hori desagerrarazteko: «Indarkeria matxista bezala definitu den arazo honi praktikan ez zaio inolako aterabiderik ematen, eta, gainera, kongresu hau espazio publiko batean egitea baimentzen da». Izkok erantsi duenez, praktika horrek muturreko egoeran jartzen ditu emakumeak. «Asko esklabo mantentzen dituzte prozesuan zehar, guztiz kontrolatuta. Beste asko engainatuak izan dira bizi hobe baten esperantza faltsuarekin. Beste emakume batzuek pobreziatik ateratzeko jotzen dute horretara. Aldiz, kasu hauek ezin dira banaka ulertu, ezta justifikatu ere, guztiak baitira oinarrizkoak erreprodukzioaren merkatuaren existentziarako, eta, beraz, emakumeen zapalkuntza eta umeen salerosketa indartzen dituzte».
Bestalde, EHGAM Euskal Herriko Gay-Les Askapenerako Mugimenduak ere kongresuaren aurka egin du. «Ugalketa desirak ez daude emakume langileen eta pobretutako herrialdeetako emakumeen gorputzen eta eskubideen gainetik», esplikatu dute sareetan zabaldutako komunikatu batean. Ez gure izenean, ez gure eskubideen izenean izenburupean, eskatu dute ez erabiltzeko gizon homosexualen ugalketa nahiak haurdunaldi subrogatuak justifikatzeko: «Guraso izateko desirari edo hazkuntza desirari erantzutea ugalketa merkatuaren esku uzten den honetan, gogorarazi nahi dugu desira horiei erantzuteko beste modu batzuk daudela, salerosketaren logikatik pasatzen ez direnak».
Euskal Herriko Bilgune Feministak ere «kezkagarritzat» hartu ditu haurdunaldi subrogatuaren aldeko diskurtsoak normalizatu dituzten kongresuak eta kanpainak: «Ezinbestekoa iruditzen zaigu hau babesten duten instituzioak interpelatzea eta negozioa sostengatzen duten enpresak seinalatzea». Obuluen donazioaren praktika ere salatu du Bilgune Feministak: Hego Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan guztiz zabaldua dago emakume gazteek obuluak ematea diru truke, nahiz eta altruistatzat hartzen den. «Normalizatuta» dagoela gaitzetsi dute: «Emakumeen gorputza merkantilizatzeko erabiltzen den beste negozio bat da. Espainiar Estatua munduko lehen postuen artean dago obodonazioen negozioan».
|
2023-7-21
|
https://www.berria.eus/albisteak/230951/usain-bolt-baino-azkarrago-aretxabaletan-literalki.htm
|
Bizigiro
|
Usain Bolt baino azkarrago Aretxabaletan, 'literalki'
|
Portasol auzoko jaietako egitarauaz gain, bizilagunek lehiaketa bat inprobisatu dute: ea nork egiten duen korrika azkarren. Kalean den radar bat erabili dute horretarako.
|
Usain Bolt baino azkarrago Aretxabaletan, 'literalki'. Portasol auzoko jaietako egitarauaz gain, bizilagunek lehiaketa bat inprobisatu dute: ea nork egiten duen korrika azkarren. Kalean den radar bat erabili dute horretarako.
|
Nork esango zuen atletismoko 100 metroko probako munduko errekorra hautsiko zenik? Hamalau urte zeramatzan Usain Bolt korrikalariaren markak bere horretan. Ez da gertatu lehiaketa konbentzional batean; non, eta Aretxabaletan (Gipuzkoa) gainditu dute Bolt. Portasol auzoko jaiak ospatu zituzten joan den asteburuan. Egun horietako batean, hainbat bizilaguni otu zitzaien ideia ona izango zela herriko Araba ibilbidea atletismo pista bihurtzea. Arrazoi zuten: urrezko dominarik gabe geratuko ziren bestela.
Abiadura proba txandakatua izan zen asteburukoa; denek aldi berean lasterka egin beharrean, batak bestearen atzetik egin zuten. Kalean den radarra izan zen-eta epailea. Errepidean hiru hesi jarri, zinta batekin lotu, eta bertantxe inprobisatu zuten lasterketa proba.
Hura hasi aurretik, lineako autobusa pasatu zen bertatik, DG40G dortsalarekin, astiro-astiro, markagailua berde egoteko moduko abiaduran. Gerora, gorri-gorri eginda amaitu zuen radarrak. Aparatuaren fidagarritasunari zor, orduko 30 kilometroko abiadura gainditu zuten hainbat parte hartzailek. Horixe da ibilgailuek gainditu behar ez duten abiadura; Portasoleko jaietan, garaikurra zen hortik gorako zenbaki gorria lortzea.
Zabaldu den bideoan, bost korrikalariren probak ikus daitezke. Lehenengoak orduko 32 kilometroan ezarri zuen lehen marka. Segidan atera zenak hautsi zuen, orduko 41 kilometroko abiadurara helduz. Eta hirugarrenak, berdin: orduko 45 kilometroan igaro zen radarraren paretik. Hurrengo biek jai izan zuten Portasoleko jaietako lehiaketan: abiadura berdeak lortu zituzten.
Aretxabaletako Araba ibilbidean hautsi zuten, beraz, Usain Bolten errekorra. 9.58 segundoan egin zuen 2009ko Berlineko Munduko Atletismo Txapelketako gizonezkoen 100 metroko proba —orduko 37,57 kilometroko abiadura batez beste—. Emakumezkoetan, Florence Griffith-Joynerrek du munduko marka, 1988ko Olinpiar Jokoetarako Indianapolisko (AEB) sailkapenetan: 10.49 —orduko 34,31 kilometro batez beste—.
Arazo teknikorik ezean, teknikoki aretxabaletarrak dira munduko bizkorrenak. Hori sinesteko arazoak dituenak halako zerbait esango du, bideoan dioten bezala: «Hori gaizki dago!».
|
Subsets and Splits
No community queries yet
The top public SQL queries from the community will appear here once available.