date
stringdate
2012-09-20 00:00:00
2023-12-01 00:00:00
url
stringlengths
47
182
category
stringclasses
10 values
title
stringlengths
3
140
subtitle
stringlengths
0
1.17k
summary
stringlengths
5
1.18k
text
stringlengths
2
35.8k
2020-9-25
https://www.berria.eus/albisteak/187400/beste-hamabost-ikasgela-itxi-ditu-jaurlaritzak.htm
Gizartea
Beste hamabost ikasgela itxi ditu Jaurlaritzak
Eusko Jaurlaritzak esan du 280 ikasgela daudela bakartuta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza sisteman, pandemiarengatik.
Beste hamabost ikasgela itxi ditu Jaurlaritzak. Eusko Jaurlaritzak esan du 280 ikasgela daudela bakartuta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza sisteman, pandemiarengatik.
Koronabirusa beste hamabost ikasgelatan sartu da azken egunean, eta, horiek horrela, talde horiek bakartzea erabaki du Hezkuntza Sailak. Oraintxe bertan 280 ikasgela daude bakartuta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetan, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez. Zehazki, 188 zentrotan dute eragina ikasle taldeen bakartze horiek. Ehunekotan, hiru lurralde horietako hezkuntza sisteman diren ikasgelen %1,59 daude hetsita. Bezperan, 265 talde zeuden bakartuta, hamabost gutxiago, alegia. Ez dago aurrez aurreko saioak erabat etenda dauzkan ikastetxerik. Halaber, Hezkuntza Sailak berretsi du ez duela asmorik ordutegi jarraitua ezartzeko Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleentzat. Diotenez, neurri hori "ez da egokia" adin tarte horretako haurrentzat. Haur eta gazteen kutsatzeak Datu esanguratsuak zabaldu zituen atzo Eusko Jaurlaritzak, herenegun atzemandako kasu positiboen gainean. Horien arabera, asteazkenean egindako PCR probetan detektatutako kutsatuen %28 hogei urtetik beherakoak izan ziren. Hala eta guztiz ere, Eusko Jaurlaritzako arduradunek azaldu zuten "zaila" dela jakitea kutsatzeak non gertatu diren, baina argitu zuten kasu horiek ez daudela, "segur aski", ikasturte akademikoarekin lotuta. Osasun Sailak gaur emandako datuen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan atzemandako kasuen %16 inguru dira hogei urtetik beherakoak. Zehazki, detektatutako 383 positiboetatik, 64 lagun dira 0 eta 19 urte bitartekoak.
2020-9-25
https://www.berria.eus/albisteak/187401/eva-ferreirak-hautagaitza-aurkeztea-asko-gustatuko-litzaiokeela-esan-du-balluerkak.htm
Gizartea
Eva Ferreirak hautagaitza aurkeztea "asko gustatuko" litzaiokeela esan du Balluerkak
Nekane Balluerka EHUko errektoreak begi onez ikusiko luke Eva Ferreirak errektoretzarako hautagaitza aurkeztea. Hautagaitza bakarra ez izatea espero duela adierazi du.
Eva Ferreirak hautagaitza aurkeztea "asko gustatuko" litzaiokeela esan du Balluerkak. Nekane Balluerka EHUko errektoreak begi onez ikusiko luke Eva Ferreirak errektoretzarako hautagaitza aurkeztea. Hautagaitza bakarra ez izatea espero duela adierazi du.
Oraindik goiz da Eva Ferreira EHUko errektore izateko hautagai izango den jakiteko, baina Nekane Balluerkaren onespena jaso du jada. “Azken urteetan bultzatu den unibertsitate ereduarekin bat dator” Eva Ferreira Ekonomia Aplikatuko katedraduna, Balluerkaren ustez. Hala ere, errektoretza eredu eta ikuspuntu desberdinen artean debatea egotea gustatuko litzaiokeela adierazi du; hautagaitza bat baino gehiago aurkeztea, alegia. Ferreirak defendatzen duen unibertsitate eredua “ikerketan aurrerapausoak eman nahi dituen eta formakuntzan berrikuntzak egin nahi dituena” da, Balluerkaren arabera. Iñaki Goirizelaia eta Juan Ignacio Perez errektore ohien lantaldeetan aritutakoa da. Ferreira “eremu askotan bidea egindakoa” dela adierazi du Balluerkak, kudeaketan zein ikerketan, eta bide hori “oso ona” izan dela.
2020-9-25
https://www.berria.eus/albisteak/187402/hezkuntza-sailak-630-langile-kontratatu-ditu-jantokietarako.htm
Gizartea
Hezkuntza Sailak 630 langile kontratatu ditu jantokietarako
EHIGEren iritziz, ez da nahikoa Arabako, Bizkaiako eta Gipuzkoako eskola publikoetako jantokietarako 630 langile kontratatzea. Hezkuntza Sailak ez du jardunaldi jarraitua ezarriko Haur Hezkuntzako eta lehen Hezkuntzako ikasleentzat.
Hezkuntza Sailak 630 langile kontratatu ditu jantokietarako. EHIGEren iritziz, ez da nahikoa Arabako, Bizkaiako eta Gipuzkoako eskola publikoetako jantokietarako 630 langile kontratatzea. Hezkuntza Sailak ez du jardunaldi jarraitua ezarriko Haur Hezkuntzako eta lehen Hezkuntzako ikasleentzat.
COVID-19ak baldintzatutako ikasturte honetan, familien eta sindikatuen eskarietako bat izan da jantoki zerbitzua bermatuta egotea, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak horretarako pauso bat emango duela dirudi. Izan ere, ziurtatu du 630 langile kontratatu dituela eskola publikoetako jantokietarako; hain zuzen, 500 begirale, garbiketarako ehun langile eta 30 sukaldari. EHIGE Euskal Herriko ikastetxe publikoetako ikasleen gurasoen elkartearentzat, neurri hori ez da nahikoa COVID-19aren neurri prebentiboen protokoloa bete ahal izateko. Gainera, elkartearen hitzetan, jantoki zerbitzua ez da bermatuta egongo familia guztientzat. EHIGEk nabarmendu duenez, hogei ikastetxek –horietako gehienak Araban– jantoki zerbitzurik gabe jarraitzen dute. Behin eta berriz ari dira familiak jantoki zerbitzua bermatzeko eskatzen. Eusko Jaurlaritzaren erabakia jakin aurretik, asteazkenean, Denon Eskola Arabako ikastetxe publikoetako guraso elkarteen federazioak tuper bazkaria antolatu zuen Eusko Jaurlaritzaren Gasteizeko egoitzarena aurrean, «burbuila taldeak» mantentzeko baliabide materialak eta giza baliabideak eskatzeko. Jardunaldi jarraiturik ez Jangela zerbitzua bermatuta egotea ez ezik, hainbat familiak jardunaldi jarraitua ere eskatu dute; Eusko jaurlaritzak, ordea, berretsi du ez duela ezarriko Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan. Europa Pressen arabera, hori jakinarazi dio Hezkuntza Sailak aste honetan edukitako bileretan hezkuntzako hainbat eragileri. Erabakiaren arrazoia ere azaldu du: HHko eta LHko ikasleak ezin dira bakarrik itzuli etxera, ezta etxean bakarrik egon ere.
2020-9-25
https://www.berria.eus/albisteak/187403/bizkaiko-bertsolari-txapelketa-atzeratu-dute.htm
Kultura
Bizkaiko Bertsolari Txapelketa atzeratu dute
Sailkapen fasea jokatu da azken asteetan, baina, COVID-19ak eragindako egoera dela-eta, aurten txapelketa ez egitea erabaki du Bizkaiko Bertsozale Elkarteak
Bizkaiko Bertsolari Txapelketa atzeratu dute. Sailkapen fasea jokatu da azken asteetan, baina, COVID-19ak eragindako egoera dela-eta, aurten txapelketa ez egitea erabaki du Bizkaiko Bertsozale Elkarteak
Bizkaiko Bertsozale Elkarteak gaur jakinarazi du ez dela aurten Bizkaiko txapelketa jokatuko. «Zalantza eta bilera askoren ostean, COVID-19ak eragindako egoera tarteko, Bizkaiko Bertsozale Elkartean Bizkaiko Bertsolari Txapelketa atzeratzea erabaki dugu, printzipioz, datorren urtera». Udaberrian jokatu beharreko sailkapen fasea azken hamar egunetan jokatu dute, baina txapelketak ez du aurrera egingo. «Txapelketak parte hartzaileengan duen eragina handia da; euren ikusgarritasuna plaza honek ematen du eta hurrengo urteetarako plazak eskaintzen dizkie. Urte berezia da, eta zaila da aukera berdintasuna bermatzea egoera honetan. Batetik, saioen ezaugarriak pandemiaren bilakaeraren arabera aldatu daitezke eta, bestetik, sailkapen izaera duenez, saio batean parte hartu ahal ez izateak Txapelketa osoa galtzea eragingo luke», azaldu du elkarteak. Dena den, «txapelketako saioak egiteko baldintzarik egon ez arren», Bizkaiko Bertsozale Elkarteak uste du bestelako saio asko antola daitezkeela guztion osasuna bermatuz. «Kultura segurua dela berretsi nahi dugu, eta guztiok seguru egonda egiteko moduko saioak antolatu daitezkeela uste dugu. Horregatik, udazken honetarako bertso saioen zirkuitutxo bat antolatzen ari gara. Kulturak merezi duelako, eta bertsozaleek ere bai». Aurrerago emango dituzte saio horien gaineko xehetasunak.
2020-9-25
https://www.berria.eus/albisteak/187404/jasangarritasuna-oinarri-duen-ehungintza.htm
Bizigiro
Jasangarritasuna oinarri duen ehungintza
Moda etikoak ehungintza jasangarriaren aldeko apustua egiten du. Arropa ekoizpen gardena eta geldoa aldarrikatzen dute eredu horren aldeko diseinatzaileek. BERRIAk gai horri buruzko erreportaje bat kaleratuko du bihar, Bizigiro sailean.
Jasangarritasuna oinarri duen ehungintza. Moda etikoak ehungintza jasangarriaren aldeko apustua egiten du. Arropa ekoizpen gardena eta geldoa aldarrikatzen dute eredu horren aldeko diseinatzaileek. BERRIAk gai horri buruzko erreportaje bat kaleratuko du bihar, Bizigiro sailean.
Ehungintza da munduan gehien kutsatzen duen bigarren industria, petrolioaren atzetik. Are, multinazionalek langileen esplotazioan oinarritutako eredua sustatzen dute. Masan produzitzen dute, ahalik eta eskulan merkeena eskuratuta. Horrela sortzen dituzte arropa oso merkeak, herritarrengan erosi eta bota dinamika txertatuz. Eredu horri kontra egiteko asmoz jaio da moda etikoa. Euskal Herrian ugaltzen ari dira moda etiko edo jasangarria aurrera eraman asmoz sortutako marka eta proiektuak. Xinta Minta, Modu Bat, Minusse Clothing eta Luma proiektua dira adibideetako batzuk. Marka horien sortzaileek prozesuaren gardentasuna aldarrikatzen dute eta material jasangarriak erabiltzen dituzte. Horrez gain, langileen lan baldintza duinak bermatzen dituzte arropak sortu bitarteko urrats guztietan. Moda etikoaren inguruan jarduteaz gain, bestelako gaiak ere landuko dira biharko Bizigiro sailean. Etxean dantza egin ahal izateko eskola birtuala jarri du martxan Aiko taldeak. Interneteko eskolaren zehaztapenak jasoko ditu erreportaje batek biharko gehigarrian. Zinema estreinaldiei dagokionez, Pablo Agueroren Akelarre filmaren berri emango du Amaia Igartuak. Pelikulak sorgin ehiza du hizpide. Telesailen atalean, Dennis Kelly sortzaile britainiarraren The Third Day aurkeztuko du Mikel Yarzak. 2013an, Utopia telesailak egin zuen ezagun Kelly. Gastronomia atalean, berriz, Hernaniko (Gipuzkoa) Fagollaga jatetxeko Ixak Salaberria sukaldaria bere nahiz jatetxearen ibilbideaz eta bilakaeraz jardungo da.
2020-9-25
https://www.berria.eus/albisteak/187405/eba-blancoren-izendapenak-etenda-jarraituko-du.htm
Politika
Eba Blancoren izendapenak etenda jarraituko du
Sektore kritikoak dio Arabako probintzia auzitegiak arrazoi eman diola baina zuzendaritzako iturriek gezurtatu egin dute hala dela. Azaldu dutenez epaitegiko autoak ez du eragin praktikorik uztaileko epaiari ez diolako eragiten
Eba Blancoren izendapenak etenda jarraituko du. Sektore kritikoak dio Arabako probintzia auzitegiak arrazoi eman diola baina zuzendaritzako iturriek gezurtatu egin dute hala dela. Azaldu dutenez epaitegiko autoak ez du eragin praktikorik uztaileko epaiari ez diolako eragiten
Barne gatazkak auzitegietan jarraitzen du. Gaur, EAko sektore kritikoak ohar bat kaleratu du eta bertan adierazten du Eba Blancok azaroan aurkeztutako helegitearen gainean galdu egin duela eta arrazoi eman diela. Ohar horren arabera, hauteskunde prozesua baliogabeko berme batzordearen erabakia babestu du epaitegiak eta euren tesiari sostengua eman dio. Aitzitik, zuzendaritzako iturriek gezurtatu egin dute hori hala dela. Iturri horien arabera, auzitegiaren autoa Blancoren izendapena eteten deneko kautelazko neurriaren ingurukoa da, eta «ez du eragin praktikorik» gerora auzibideak hartu duen ildoan. Auziak soka luzea du atzetik, eta alderdiaren bi sektoreen arteko barne borroka agerian utzi du. Iaz, idazkari nagusia izendatzeko hauteskunde prozesuan, hiru hautagai aurkeztu ziren: tartean, Eba Blanco bera eta eta Maiorga Ramirez. Azken horrek aurreko biek baino abal gehiago aurkeztu zituen, baina, estatutuen arabera, lurraldeko gutxieneko abat kopuru bat eskatzen denez, zuzendaritzak erabaki zuen Ramirezen hautagaitza atzera botatzea. Ondorioz, prozesu horren amaieran hautagai bakarra geratu zen eta Eba Blanco izendatu zen idazkari nagusi. Hala ere, berme batzordeak zuzendaritzaren erabakia bertan behera utzi eta Blancoren izendapena eten zuen. Erabaki horren aurrean, auzitegietara jo zuen Blancok, eta azaroan kautelazko erabakian, epaitegiak erabaki zuen bere izendapena etetea. Ekainean, epaiketa egin zen eta uztailean, lehen auzialdiko epaitegiak ebatzi zuen EAko primarioen prozesuaren aurkako salaketa baliogabetzea. Alta, sektore kritikoak epai horri helegitea jarri zion. Oraindik ez dago errekurtso horren gaineko erabakirik, baina lehen epai horrek arrazoi eman zion Blancoren eta zuzendaritzaren tesiari. Testuinguru horretan etorri da probintzia epaitegiaren autoa (113/20). Sektore kritikoaren oharrak aipatzen du azaroan Blancok aurkeztutako helegitea ez duela aintzat hartu eta ezin dela helegiterik jarri. Zuzendaritza ofizialeko iturriek, berriz, diote ekainean jada epaiketa egin zela, lehen auzialdiko epaitegiak epaia atera zuela eta hura dela auzibidean oraingoz aurrera egin duen tesia. Sektore kritikoaren eskaera Horren aurrean, Nafarroako, Arabako eta Gipuzkoako koordinatzaileek eta idazkari nagusi izateko hautagaitza aurkeztu zuen Maiorga Ramirezek azpimarratu dute ez dela mendekuz jokatzeko garaia. «Unea heldu da hitz egiteko, afiliatuen fitxategia eguneratu eta haiei hitza emateko. Afiliatuek eurek erabaki behar dute nork gidatuko duen alderdia eta zein izango den EAren lotura EH Bildun». Dei egin diote Blancori eta haren sektoreari «botere postuei eusteko jarrera alboratzeko eta alderdi kideei irekitako diziplina espedienteak kentzeko».
2020-9-25
https://www.berria.eus/albisteak/187406/castejongo-lantegia-ixtea-erabaki-du-cafek.htm
Ekonomia
Castejongo lantegia ixtea erabaki du CAFek
Kalean geratuko direla esan diete Trenasako 118 langileei. Protesta egin dute langileek erabakiaren berri izan ondoren.
Castejongo lantegia ixtea erabaki du CAFek. Kalean geratuko direla esan diete Trenasako 118 langileei. Protesta egin dute langileek erabakiaren berri izan ondoren.
Trenasako langile batzordeak jakinarazi du enpresaren jabeak, Gipuzkoako CAFek, lantegia ixtea erabaki duela. «Azken urteetan izandako galerak» argudiatu ditu enpresak itxiera iragartzeko. Enpresaren asmoen berri jakin bezain pronto hasi dituzte protestak langileek. 15:00etan manifestazio bat abiatu dute plantaren aurrealdetik, Trenasa ez itxi pankartarekin. Aurretik, errepidea moztu dute minutu batzuk. «Lotsagabekeria galanta izan da» itxiera iragarpena, salatu du Josema Romeo Nafarroako CCOOko industria idazkariak. Sindikatu horrek bi kide ditu Trenasako enpresa batzordean, eta bestea USOri dagokio. Romeok azaldu duenez, uztailean aldi baterako erregulazio bat negoziatu zuten enpresarekin, urtea amaitu bitartean 45-60 egunez kontratuak eteteko, «eskaerak sar zitezen». CCOOko ordezkariak uste du ez dagoela itxiera justifikatzeko arrazoirik, eta horregatik «oso shock handia» izan da lantaldearentzat. Oscar Rodriguez LABeko ordezkariak gogorarazi du Nafarroako Gobernuak inbertsio handiak egin dituela Trenasan. Diru hori «ezin da zakarrontzira bota multinazional baten apetarengatik». Castejongo (Nafarroa) lantegiko langileak enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientean izan dira azken hilabeteetan, baina, hori amaituta, kontratuak hausteko erregulazio eskaera bat egin du Trenasak. 118 langile ditu enpresak. 2007an inauguratu zuen CAFek Trenasa (Trenes de Navarra SA), trenen muntatze lanak egiteko. Azken urteetan, gainera, autobus hibridoetako eta elektrikoetako txasisak egiten dituzte CAFen beste adar batentzat, Vecitiarentzat. 2018. urtean, CAFek Europako autobus elektrikoen enpresa nagusietako bat erosi zuen, Poloniako Solaris. Orduz gero, bere fakturazioaren gero eta zati handiagoa lortzen ari da atal horretan. Horren aurretik hasi zen CAF autobus elektrikoen negozioan. Zehazki, 2013an izan zen, Castrosua Galiziako karrozeria enpresarekin batera Vectia sortu zuenean. Enpresa horretan bazkide izan du Nafarroako Gobernua, Sodena sozietatearen bitartez. Beasaingo konpainia Renferen tren kontratu handi baten lehiaketan ari da parte hartzen, baina kontratu hori galtzeko aukera handiak dituela azaldu die sindikatuei, Berria-k joan den astean aurreratu zuenez.
2020-9-25
https://www.berria.eus/albisteak/187407/abel-ferrararen-sportin-life-izango-da-emanaldi-sorpresako-filma.htm
Kultura
Abel Ferrararen 'Sportin' Life' izango da emanaldi sorpresako filma
Viktoria Eugenia antzokian emango dute, bihar 15:45ean, filma, eta zuzendaria bertan izango da.
Abel Ferrararen 'Sportin' Life' izango da emanaldi sorpresako filma. Viktoria Eugenia antzokian emango dute, bihar 15:45ean, filma, eta zuzendaria bertan izango da.
Iaz bezala, aurretiaz iragarri gabeko film sorpresa bat emango du Donostiako Zinemaldiak bere azkeneko egunean. Gaur jakinarazi dute antolatzaileek film hori Aberl Ferrara zinemagile estatubatuarraren Sportin' life izango dela. Bad Lieutenant (1992) eta The Funeral (1996) filmen zuzendariak 68 minutuko dokumental bat egin du konfinamendu aldian. Veneziako zinema jaialdian estreinatu zuten, eta bertan bere emazte Cristina Chirian, alaba Anna eta adiskideak agertzen dira, tartean, Willem Dafoe (Zinemaldiaren edizio honetako kartelaren irudia) eta Paul Hipp aktoreak, eta Joe Delia musikaria. Donostia Zinemaldiak atzera begirako bat eskaini zion orain hamabost urte, 2005ean Ferrarari. 2014an izan zen azkenekoz Donostian, Perlak sailean Pasolini erakutsi zuenean.
2020-9-25
https://www.berria.eus/albisteak/187408/bi-lagun-sastakatu-dituzte-parisen-eta-polizia-ikertzen-ari-da-ekintza-terrorista-izan-den.htm
Mundua
Bi lagun sastakatu dituzte Parisen, eta Polizia ikertzen ari da ekintza «terrorista» izan den
Erasoa Charlie Hebdo aldizkariaren egoitza izandakoaren ondoan gertatu da. Bi susmagarri atxilotu dituzte.
Bi lagun sastakatu dituzte Parisen, eta Polizia ikertzen ari da ekintza «terrorista» izan den. Erasoa Charlie Hebdo aldizkariaren egoitza izandakoaren ondoan gertatu da. Bi susmagarri atxilotu dituzte.
Frantziako Polizia «hilketa saiakera» bat ikertzen ari da Parisen izan den eraso baten harira. Gutxienez bi lagun zauritu dituzte, arma zorrotz batekin sastakatuta. Charlie Hebdo aldizkari satirikoaren bulegoak zeuden eraikinaren ondoan gertatu da erasoa. Poliziak uste du ekintza «talde terrorista» batekin lotua izan daitekeela, eta hori hala den argitzeko ikerketa bat abiatu du. Poliziak azaldu duenez, susmagarri bat atxilotu dute hiriburuko Bastille plazan, Paris ekialdean, erasoa gertatu eta gutxira. Bigarren susmagarri bat ere atxilotu dutela adierazi du Jean Castex Frantziako lehen ministroak, erasoa izan den tokira gerturatu denean. Frantziako hainbat hedabidek azaldu dutenez, zaurituak Premieres Lignes berri agentziako bi ekoizle dira, emakumezko bat eta gizonezko bat, eta kalean zigarro bana erretzen ari ziren erasotzailea hurbildu zaienean. Zauri larriak dituzte biek, baina egonkor daude. Erasoaren ondoren, segurtasun hesi bat altxa du Poliziak, inguruan pakete susmagarri bat atzeman duela eta. Paketeak lehergailurik ez zuela baieztatu dute. Hala ere, segurtasun neurri zorrotzak hartu dituzte: haur eskolak eta ikastetxeak itxi dituzte, eta suhiltzaileak eta militarrak bertaratu dira. 'Charlie Hebdo'-ren epaiketa Charlie Hebdo aldizkariaren kontrako erasoaren epaiketa hasi denetik hiru aste pasatu direnean gertatu da gaurko erasoa; hain justu, aldizkari satirikoaren bulegoak zeuden eraikinaren parean. Muturreko islamista talde batek Charlie Hebdo aldizkariaren kontrako atentatu bat egin zuen 2015eko urtarrilean. Hamabi lagun hil zituzten: aldizkariko hamar kazetari —tartean Frantziako marrazkilari ezagunenetakoak—, eta bi polizia. Arabiako Penintsulako Al-Qaedak hartu zuen bere gain erasoa, eta erasoan hil ziren Said eta Txerif Kuatxik talde horretako kide zirela adierazi zuten. Hurrengo bi egunetan beste bi eraso izan ziren, eta bost lagun hil zituzten. Duela hiru aste, hamalau lagunen kontrako epaiketa hasi zen Parisen. Auzipetuei erasotzaileen laguntzaile izatea leporatzen diete. Epaiketa hasi aurretik, Charlie Hebdo aldizkariak berriro publikatu zituen Mahoma profeta agertzen duten komiki tirak, mundu osoan musulman askoren haserrea piztu zutenak. Al-Qaedak berriro egin zion mehatxu aldizkariari, Mahomaren marrazkiak argitaratzeagatik.
2020-9-25
https://www.berria.eus/albisteak/187409/bilboko-portuko-zamaketariek-grebara-joko-dute-urriaren-9tik-aurrera.htm
Ekonomia
Bilboko portuko zamaketariek grebara joko dute urriaren 9tik aurrera
BilboEstiba elkarteko enpresekin abuztuan hasitako negoziazioak ez du fruiturik eman, eta lanuzteak egitera deituko dute berriz
Bilboko portuko zamaketariek grebara joko dute urriaren 9tik aurrera. BilboEstiba elkarteko enpresekin abuztuan hasitako negoziazioak ez du fruiturik eman, eta lanuzteak egitera deituko dute berriz
Bilboko portuko zamaketariek grebara joko dute urriaren 9tik aurrera. Gaur jakinaraziko dute, eta legeak ezartzen dituen hamabost egunak betetzen direnean ekingo diete lanuzteei. Sei asteko negoziazio prozesua izan dute BilboEstibako lau zamaketa enpresekin —Toro y Betolaza, Berge, S.L.P. eta Cosco txinatarra—, eta ez da akordiorik egon. Azkeneko bilera ostegunean egin zuten, eta sindikatuak mahaitik altxatu ziren. Lan baldintza berriak negoziatzen ari dira, eta enpresa duela urtebete mahai gainean jarritako eskaintzara itzuli dela diote. Langile batzordeko sindikatuetako lau ados daude: Coordinadora, UGT, LAB eta Kaia. ELA xehetasun batzuen zain dago. Zamaketariek bi hilabetean egingo duten bigarren greba deialdia da oraingoa, eta xehetasunak lotzeko daude, baina egun bat baino gehiagokoa izango dela dirudi. Aurreko deialdia abuztu hasieran egin zuten, baina UGT ez beste sindikatuek atzera egin zuten, negoziazioak errazteko. Sindikatuek lehiakortasunaren epaitegiaren eskutitzak jaso zituzten greba deialdia zorrotz aztertuko zutela esanez, eta horrek ere eragina izan zuen. Grebaren muinean dago Europako legedia aldaketa dela-eta zamaketariek lan egiteko modua goitik behera aldatu behar dutela: txandak, ordezkapenak, soldatak... eta enpresaren eta langileen arteko jarrerak urrun daude. Talka gai handietako bat langile kopurua da. Finkoak 320 dira, eta 2008az geroztik murriztuz joan da kopurua: 420 ziren orduan. Denborak aurrera egin hala, erretiroak direla eta, finko kopurua murrizten ari da, eta zamaketariek kontratazio berriak nahi dituzte. Finkoekin batera behin-behineko langile poltsa bat dago, eta kontratazio berriak hortik egitea eskatu dute. Hamabi urte dira BilboEstibak ez duela langile finkorik kontratatzen. Gaur egun, EPZ Enplegurako Portuko Zentroak kudeatzen ditu langileen joan-etorriak, eta BilboEstibak hura desegiteko mehatxua jarri du mahai gainean. Hilaren 29an hartuko luke erabaki hori, urteroko batzarrean.
2020-9-26
https://www.berria.eus/albisteak/187410/kulturartekotasuna-kafean.htm
Bizigiro
Kulturartekotasuna, kafean
Emakume Musulmanen Integraziorako Elkarteak arabiar eta euskal gastronomia eskainiko dituen kafetegi bat irekiko du Arrasaten. Proiektuaren hari bat soilik da hori.
Kulturartekotasuna, kafean. Emakume Musulmanen Integraziorako Elkarteak arabiar eta euskal gastronomia eskainiko dituen kafetegi bat irekiko du Arrasaten. Proiektuaren hari bat soilik da hori.
Integrazioa hitzak berak badauzka hainbat erpin. Ezezaguna denak ez du, hasieran behintzat, gerturatzeko panorama ederrik eskaintzen; kasuak kasu, noski. Integrazioa lortzeko, azken batean, beharrezkoa da bestea ezagutzea. Egoerari buelta emateko urrats bat egin du Euskal Gizartean Emakume Musulmanen Integraziorako (IMME, gazteleraz) Elkarteak. Arrasateko Biteri plazan zabalduko duten Krepost kafetegia izango da bi kulturen arteko zubia; batetik, benetako elkarbizitza sortzeko, bizitzako eremuak elkarbanatuta, eta, bestetik, elkarteko emakumeei ahalduntzeko aukera eskaintzeko. Integrazioak dakarren lanaren zama bizkar gainean darama Djamila Zereiby elkartearen sortzaile eta proiektuaren sustatzaileak. Aljeriarra da jaiotzez, eta arabiera, frantsesa eta ingelesa zekizkien Euskal Herrira iritsi zenean, duela 16 urte. Gaztelera ikasteko ez zeukan zailtasunik, belarriz hizkuntzak aise menderatzen dituela nabarmendu baitu. Iritsitako lekuan erabiltzen ziren aukeretako bat behintzat kontrolpean izanda lortu zuen integratzea. Gerora, beste emakume etorkin musulmanekin harremanetan jarri zen. Helduen eskolara bideratu nahi zituen, hezkuntza jaso zezaten. «Beldur ziren, gizonezkoak zeudelako ikasgelan», azaldu du Zereibyk: «Zu eta ni bezalako pertsonak badira, zergatik ez zarete ikasgela berean egongo?». Ataka horretatik irteteko sortu zuen, hasieran, IMME, bere bideak hortik aurrera jarraitu duen arren. Era berean, nabarmendu du migratzaileek sortutako antolakundeak falta zirela, egoera bertatik bertara bizi behar izan dutenen taldeak. Hizkuntzak ikasten laguntzeko ere bideratu ditu ariketa eta programak. Beste era batera esanda, zubiak eraiki nahi ditu kulturen artean. Euskal errealitaterantz Egun, euskara ikasten dabil Zereiby, hizkuntza eta kultura horri garrantzia ematen diolako. Gainera, euskaldunen historia ere sartu du ikasgaien artean. Enpatiari, besteen lekuan jartzeari, garrantzi nabarmena eman dio, dioenez, bestearen lekuan jarrita bakarrik ulertu dezakezulako hark daukan posizioa. «Euskaldunek asko sufritu dute, eta euren identitatea berreskuratu nahian dabiltza», gaineratu du. «Egoera horretan, iruditzen zait beldurra ematen diela kanpokoengana zabaltzeak, eurena galduko balute bezala delako». Beldurra kokatu du zubiak eraikitzeko zuzeneko zailtasun modura: bestearekiko ezjakintasuna. 2014an sortu zuen elkartea, eta, bitarte honetan, hainbat egitasmo jarri dituzte abian. Bereziki gordeta dauka Bideak gurutzatzen dokumentalaren oroitzapena; amaierako produktuarena baino gehiago, grabatzeko prozesuarena, zehazki. «Mahai baten bueltan eseri ziren kultur jatorri ezberdinetako pertsonak. Hainbat gairi buruz hitz egin zuten», adierazi du Zereibyk. «Urrats ikaragarria izan zen elkar ezagutzeko». Azken batean, elkar ezagutze horrek lausotuko duelako hasierako beldurra. Egun, emakumeak ahalduntzeko lanetan dabil. Hortik jaio da Krepost kafetegiaren proiektua. «Lana norbaitek emango digula pentsatzen dugu, baina, ez badigute ematen, geuk sortu beharko dugu», zehaztu du Zereibyk. Ekintzaile izan daitezen bultzatu nahi ditu elkartean parte hartzen duten emakumeak. Berez, hainbat gaitasun dituztela nabarmendu du, baina horietako bat ostalaritzarako abilezia dela. Nolabait, taldeak dauzkan trebeziak aztertuta ikusi du zertara bideratu zitzakeen; kafetegi batera, alegia. Arrasateko Biteri plazan prest daukate lokala; prest daude kafe eta zukuen makinak, erakusleihoa eta hozkailua. Egun edo aste batzuetako kontua da ateak zabaltzea. Zer eskainiko dute bertan? Edateko aukerekin beste kafetegien pareko jardungo dira: kafeak, infusioak, zuku naturalak eta alkoholik gabeko freskagarriak, esaterako. Infusioen barruan, dena den, tea izango dute berezitasun nagusia. Jateko orduan egongo da alderik nabarmenena. Arabiar gozogintza eskainiko dute, ekialdekoarekin batera; hots, egiptoarrarekin, turkiarrarekin eta siriarrarekin batera. Bezeroentzat eskuragarri egongo dira briwat-ak eta baklava-k. Euskal gozogintzak ere izango du bere tokia menuan. Horrez gaindi, gozozaleak ez direnei ere izango dute zer eskainia; batbut enpanadak, kasurako, baina baita pizzak eta sandwichak ere. Zapore berriak probatu nahi dituztenek izango dute esperimentaziorako beta, eta, aldiz, horren seguru ez daudenentzako eskaintza ere edukiko dute. Proiektuaren lehen urratsak Hasieran pare bat eserleku izango ditu, baina jana eta edana eramatekoa izango dira, gehienbat. Momentuz ez da azkar batean terraza jarriko, baina elkartearen sortzaileak buruan dauka aukera hori, batez ere, eman ditzaken aukerengatik. «Emakumeek tea euren jatorrian prestatzen duten modura eskaini dezakete. Beste esperientzia bat da», zehaztu du. Hala ere, garbi dauka kafetegia aitzakiatzat hartuta hamaika kultur ekitaldi prestatuko dituztela; dantza ekitaldiak, besteak beste. Kulturak erakusteko modu bat izatea nahi du, azken batean. Hasieran, Zereiby bera jardungo da zerbitzari. Ezer baino lehen, negozioa aurrera doala ikusi nahi du, nahiz eta koronabirusak baldintzatutako egoera ez duen lagun. Proiektua garatu ahala, elkarteko emakumeak kontratatzea du asmoa. Gozoak, berriz, Basauriko El Palestino gozogintza lantegiak prestatuko ditu. Proiektuaren hurrengo urratsa izango da, dena den, prozesua hasieratik amaieraraino eramatea. «Nire ametsa da emakume musulmanek bideratutako gozogintza lantegi bat izatea», argitu du Zereibyk. «Ikus dezatela eurek egindako lanak zer balio duen, nola gozo bat, eurek euren abileziaz prestatutakoa, jendeak jaten duen, eta nola gizarteari zerbait eskaintzen dioten».
2020-9-26
https://www.berria.eus/albisteak/187411/mezuak-hobeki-aditzen-dira-melodia-batek-lagunduta.htm
Kultura
«Mezuak hobeki aditzen dira melodia batek lagunduta»
Alzheimerraren Nazioarteko Eguna izan zen iragan den astelehenean, irailaren 21ean. Gaitzari buruzko abesti bat sortu zuen Iberok itxialdian, bere istorioan oinarriturik: 'Habitación 40'.
«Mezuak hobeki aditzen dira melodia batek lagunduta». Alzheimerraren Nazioarteko Eguna izan zen iragan den astelehenean, irailaren 21ean. Gaitzari buruzko abesti bat sortu zuen Iberok itxialdian, bere istorioan oinarriturik: 'Habitación 40'.
Barrenak husteko eta oroitzeko. Horretarako sortu zuen Nekane Ibero musikariak (Iruñea, 1996) Habitación 40 kantua. Alzheimerraz mintzo da bertan. Izan ere, Iberori joan den urtean hil zitzaion amona, gaitz hori zuela. Bizipenetatik abiatuta, apirilean kaleratu zuen kantua, eta, orain, Recuérdame. El principio de la desconexión dokumentalaren parte da haren lana. Bartzelonan estreinatu zuten, astelehenean: gaur, Noaingo Kultur Etxean izanen da. Abestu eginen du Iberok. Astelehenean izan zen Alzheimerraren Nazioarteko Eguna. Zerk bultzatu zintuen alzheimerraz kantua sortzera? Gertatzen ari zitzaidana kontatu beharra nuen, nolabait. Premia horrek bultzatuta sortu nuen abestia. Hasieran, uste nuen kontatzen nuen istorioa nirea bakarrik zela, nire arazoa zela soilik. Gero ohartu naiz ez dela horrela inondik inora: askok eta askok bizi dute nik bizi izan dudana. Are gehiago, esanen nuke mundu guztiak duela alzheimerra duen edo izan duen ezagun bat inguruan. Jende asko identifikatua sentitu da kantuko hitzekin, eta hori sentitzea oso polita izan da. Nolakoa izan zen sorkuntza prozesua? Aurretik ere buruan nuen horretaz hitz eginen zuen abesti bat sortzea, baina, egia esateko, ustekabean sortu nuen, arratsalde bakarrean. Etxean nintzen, ospitalera joan baino lehenago, gertatzen ari zenari buruz hausnartzen, eta, ohartzerako, sortua nuen ia osorik. Barrenak hustu nituen, eta lasaitu egin nintzen idatzi eta berehala. Zer da kantuan kontatzen duzuna zehazki? Amonaren istorioaz ari naiz, baina batez ere deskribatzen dut nola sentitzen den gaixoa zaintzen duena. Horretan jarri nahi nuen fokua: zaintzailearengan. Pertsona horren zeregina biziki inportantea da, eta, aldi berean, oso gogorra. Nik oso hurbiletik ikusi nuen, nire ama eta izebak halaxe izan zirelako, eta garrantzitsua iruditzen zait alde hori nolakoa den kontatzea. Ezkutuan gelditu ohi da? Bai, hala uste dut. Horregatik nahi nuen ikusarazi. Denok dakigu gaitza gutxi gorabehera nolakoa den. Hau da, badakigu gaixotasunak zer ondorio dakartzan pairatzen duen pertsonarengan: oroimenari egiten dio kalte, eta gaixorik dagoenak gauzak ahazten ditu, gero eta gehiago, ia dena ahazteraino. Hori jakina da, baina orokorrean ez gara ohartzen zaintzaileak sufritzen duenaz. Azken batean, alzheimerra duen pertsona une batetik aurrera ez da gai izaten inguruan gertatzen ari denaz ohartzeko, baina hurbilekoak bai, eta oso mingarria da. Sintomak pixkanaka nola larritzen diren ikusten dugu, egunez egun. Zuri zertan lagundu dizu abestiak? Barrenean nuena oihukatzeko balio izan dit, hasieran batez ere. Orain, jendaurrean kantatzen dudan bakoitzean, sentitzen dut zerbait gehiago askatzen dudala. Emozioak ez dira lehen aldietakoen berdinak; aldatu egin dira. Eboluzionatu egin du abestiaren esanahiak? Behin kantua publiko bihurtuta, denona bihurtzen da, eta, aldi berean, inorena ere ez. Mezua partekatu egiten duzu, eta, niretzat behintzat, katarsi bat izan da. Kantatzen dudan bakoitzean, zauria sendatzen joaten da, eta orbaintzen. Musika sendagai eraginkorra izan daiteke, beraz. Bai, eta ez horrelakoetarako bakarrik. Ikerketek erakutsi dute musikak asko laguntzen diela alzheimerra duten gaixoei. Nire amonarengan oso argi ikusi nuen,eta, gaitz honetatik harago, beste gaixotasun batzuentzat ere oso tratamendu ona da musika. Musikoterapia gehiago sustatu beharko litzateke, orduan? Bai. San Juan de Dios ospitalean eskaintzen dute batzuetan. Zoritxarrez, nire amonak ezin izan zuen horrelakoetan parte hartu, baina bai, zalantzarik gabe, komeni litzateke gehiagotan izatea. Alzheimerrari buruzko dokumental batean entzun daiteke zure abestia. Nola ailegatu da? Sarean publikatu nuen, eta oso harrera ona izan zuen. Ez nuen halakorik espero. Bartzelonatik deitu zidaten, esanez asko gustatu zitzaiela, eta galdetu zidaten ea dokumentalean parte hartu nahi nuen. Pozik esan nien baietz, ikusi nuelako helburu bera genuela; hain zuzen ere, azaltzea alzheimerraren errealitatea zein den. Izan ere, gauza askori ez diegu erreparatzen. Jendartea ez dago aski sentsibilizatuta gaixotasunarekin? Egon badago, baina premiazkoa da gehiago jakitea eta sakontzea. Sentsibilizazioak orokorragoa izan behar du, esparru guztietara zabaldua. Apiriletik gaur arte, sortu dituzu kantu gehiago, eta denek dute aldarrikapen mezuren bat. Sor nitzakeen kantuak maitasunari buruzkoak, eta, izatez, horrelakoak ere egiten ditut, baina uste dut jendeak ez duela horrelako mezu gehiagoren beharrik. Ordea, gai sozialak argitara ateratzea premiazkoagoa ikusten dut. Feminismoa zen nagusi maiatzean kaleratu nuen abestian, eta, berriki, beste bat ere atera dut: beloari buruz mintzo naiz horretan, eta islamofobiaren gaia jorratzen dut haren bidez. Musika bozgorailu ona da? Bai, zalantzarik gabe; bozgorailurik indartsuenetarikoa da. Mezuak hobeki aditzen dira melodia batek lagunduta.
2020-9-27
https://www.berria.eus/albisteak/187412/biharko-elitearen-eskola.htm
Kirola
Biharko elitearen eskola
Ikasturte honetan abiatu da pilotarien formakuntza zentroa Hazparneko Berria trinketean. Batasun desberdinetako hogei pilotari hautatu dituzte, hoberenak direlakoan, astean hiru eguneko trebakuntzetan parte hartzeko: fisikoa, teknika eta partidak eginen dituzte, Manu Martiarenaren zuzendaritzapean.
Biharko elitearen eskola. Ikasturte honetan abiatu da pilotarien formakuntza zentroa Hazparneko Berria trinketean. Batasun desberdinetako hogei pilotari hautatu dituzte, hoberenak direlakoan, astean hiru eguneko trebakuntzetan parte hartzeko: fisikoa, teknika eta partidak eginen dituzte, Manu Martiarenaren zuzendaritzapean.
Bidasoaren alde honetan pilotari profesionalen estatusa ez da ezker paretakoen bera; trinketean, Elite Pro mailan ari diren pilotariek beste ofizio bat ere badute pilotaz gain. Erdibideko izaera horrek agerian uzten du pilota profesionala haboro garatzeko lekua badela oraino ere. Alde horretatik, beste urrats bat egin da Hazparneko Berria trinketean, gazteen formakuntza zentroa sortzearekin. 1998 eta 2000. urteen artean sortu diren hogei gazte hautatu dituzte Ipar Euskal Herri osoko pilota batasun desberdinetan lehen urtearentzat. «Momentuan ontsa ari direnak eta oraino hobeki egiteko esperantza» dutenak dira pilotari gazte horiek, Manu Martiarena zentroko zuzendariaren erranetan. Pilota batasunetan «anitz badute jadanik», Martiarenaren arabera, baina Hazparnen eskaintza osagarria eta zehatza dute: fisikoaren lanketa berezia astelehenean, teknika asteartean, eta partidak asteazkenean. Laurak enpresako buru Jean-Marc Charritonen mezenasgoak ekarri dizkie ahalak: Berria trinket berrituaren koadroan, muskulazio gela, barnetegiko gelak, jangela eta trinketa bera dituzte. Gazteak gidatzeko, hiru trebatzaile: fisikoa lantzeko, Vincent Itoiz; teknikarentzat, Alain Hegiabehere; eta asteazkenetako partidak zuzentzeko, Antton Amulet. Trebakuntzetan, trinket zolatik so zaie Martiarena, hainbat aldiz pilota txapeldun eta azken urteetako txapeldun batzuen trebatzaile izan dena. Prestakuntza fisikoak hartu duen garrantzia baldin badu, haren ustez, jokoaren bilakaerari ere zor zaio: «Guk beharbada teknikoki gehiago ezker jokatzen genuen trinketean; orain pilota fiteago heldu da, eta ohartzen gara gazteek oren eta erdiko partidak egiten dituztela; fisikoki hobeki prestatzen dira, eta gu baino hobeki indarberritzen dira». Zubi profesionala «Elite Pro urrun da oraino», Unai Iribarren gazte saratarraren ustez, nahiz eta helburu urrun gisa begi bistan duela ez gorde: «Enetzat gehiago plazer hartzea da, ahalik eta maila onena ukaitea eta ondorioz geroz eta plazer gehiago hartzea. Ez badugu plazer hartzen, pentsatzen dut ez dugula aski maila izanen Elite Prora ailegatzeko. Ez da denei emana, ez da biziki erresa, baina horrentzat entrenatzen gara, bai». Taldeko pilotari batzuek jokatu dituzte jadanik partidak goi mailakoekin eta haien kontra, eta, epidemiaren ondorioz azken hilabeteetan partida guti izan badira ere, gehiago izatea espero du Martiarenak: «Heldu den urtean ontsalaz lehiaketa anitz izanen dira, eta hemengo gazteak ikusi nahi nituzke Larralde eta Ducassouren partidak aitzin aritzen eta gero haiekin, eta zerendako ez gazteek irabaztea haien kontra». Elitea ere gora tiratzeko xedea ez du gordetzen zuzendariak, entzuten diren kritika batzuei oihartzun eginez. Profesionaletan bi talde dira, A eta B, eta azken horretan ez lukete denek beren lekua. Manu Martiarena: «Batzuek erraten dute B mailako pilotari batzuek ez luketela hor izan behar, baina hor dira. Hoberena da gazteek irabaztea horien kontra. Gazteek osasuna badute, kartsu dira, emeki-emeki trinketeko egiak irabazi behar du». Kantitatean baino, kalitatean zentratu nahi du, halere, «bost Larralde eta bost Ducassou berri ateratzea» ez baita hain errealista, haren ustez. Eskola berriko trebatzaile, zuzendari eta pilotarientzat argi da helburu nagusia profesional berriak formatzea dela. Airetik taldeko Betti Gurutxaga luhusoarrak ez du gordetzen: «Horrentzat lan egiten dugu egunero, horrentzat heldu gara. Posibilitatea baldin badut, xantza hori baldin badut, bai, entseatuko naiz profesionaletara igotzen». Fisikoa bakarrik ez, dietetika ere lantzen dute, adibidez, «emeki-emeki profesional bizi» bat ukaiten ikasteko, zuzendariaren hitzetan. Lagunarteko giroan Lagunarteko giroa nagusi da, halere, trebakuntzan. Luzaketa denboran irriak, bukaeran irriak. Trebakuntza bera, berriz, serioski egiten dute. Aspalditik ezagutzen dira taldekideak, beti elkarren kontra jokatu baitute; gainera, usu pareka hautatuak izan dira, batasun beretik bikoteka hautatu baitituzte. «Denak lagunak gara, baina beti gure ber mailakoen aurka aritzeak pusatzen du hobeak izatera eta pentsatzen dut denei on egiten digula», zehazten du Iribarrenek. Hasi baizik ez da egin zentroaren ibilbidea, hogei kiderekin, baina gutiago balitz ez litzateke kexatuko Martiarena: «Jadanik anitz da, lan ona egiteko pentsatzen dut gutxiago izatea hobe dela. Aurten hogei, heldu den urtean beharbada hamabi izanen dira». Adin aldetik ere, beheiti tiraka garatzeko xedea dute heldu den urtetik goiti. «Aurtengoak kasik zaharregiak dira», dio zuzendariak, gehituz heldu den ikasturtean hasi beharko luketela hamalau urteko gazteagoek ere Hazparnen trebatzen. Haientzat izanen dira, preseski, trinketeko logela desberdinak. Martiarenak argi du zentro berriak pilotaren maila orokorra gorago eramanen duela eta ez soilik bertan formaturik plazaratuko baitira profesional berriak: «Pilotak irabaziko du joko hobea. Elite Prora pasatzeko ideia dute denek, hona etortzeko ideia hori da. Denek nahiko dute hona jin, eta dena eginen dute haien izena hautatua izateko. Amets bat bezala izanen da hona jitea», zuzendariaren ustez, eta, ondorioz, eragina orokorra izanen da.
2020-9-25
https://www.berria.eus/albisteak/187413/talde-horrek-irauten-badu-zerbait-eginen-dute.htm
«Talde horrek irauten badu, zerbait eginen dute»
«Talde horrek irauten badu, zerbait eginen dute».
2012an sartu zen zirkuitu profesionalean Antton Amulet (Donapaleu, 1988). Zuberoa eta Baxenabarreko eskoletan ibiltzen da pilota hezitzaile lanetan, Pilota Batzordearen kontu. Pilotari gisa, jantzi dituen txapel desberdinetan azkena ez da tipiena, profesionalen lehen mailako Frantziako txapeldun berria baita, Peio Larralde hazpandarrarekin batean. Hazparneko formakuntza zentroan ordezkari gisa hasi da trebatzaile lanetan, asteazkenetan partiden gidari lanetan. Zure ibilbideari begiraturik, zer desberdintasun da hogei gazteek Hazparneko pilota eskolan hasi formakuntzarekin? Biziki ontsa da hori izatea; badakite aste guztiz badituztela entrenamenduak, bai fisikoki eta bai teknikoki. Hori biziki ontsa da, badute segida bat. Ni pixka bat bakarrik nintzen, bakarrik antolatzen nintzen eskuin-ezker jokalariak deituz entrenatzeko, eta hori biziki zaila zen. Gazte horiek badakite aste guztiz astelehen, astearte eta asteazkenetan ariko direla; hori biziki ontsa da. Ideia biharko profesionalak formatzea da. Zuk badakizu zer berezia den bide hori. Behar da entrenatu aste guztiz, erritmoa galdu gabe. Fisikoki ere behar da muskulazio pixka bat egin. Hor eskainia zaie hori: kolpatzen badira badute osteopata bat ere, dena dute. Ene aldetik, bakarrik antolatzen nintzen medikua deitzeko, adibidez. Prestakuntza fisikoa, beste kiroletan bezala, pilotari egokitua ote da? Egina da pixka bat, baina bada oraino bide anitz egiteko, ene ustez. Desberdina da aitzinean edo gibelean ari bazara. Ez dira gauza berak landu behar: aitzinean behar da fite joan piloten xerka, eta gibelean fisikoa landu behar da partida guztia atxikitzeko, gehiago iraupena da landu behar dena. Pilota irakaslea zara ofizioz. Entseatzen naiz fisikoa lantzen tipi-tipitik. Entseatzen gara gauzak aldatzen, baina ikusiko dugu nola piztuko den. Ibiltzen naiz eskoletan Zuberoan eta Amikuzen, gazte-gazteekin; pilota erakusten diet, gero gazte batzuk pilota eskoletan sar daitezen. Haurrentzat pilota erakargarri da, zure ustez, errugbiaren ondoan adibidez? Zuberoan bazen zulo handi bat hasi nintzenean, duela hiru urte. Haurrak berriz etortzen dira pilotara orain. Eskoletatik pasatu eta etortzen dira, baina irakatsi behar da eskoletan. Ene ustez, ideia ona izan da, tipitik hasi behar baita. Hazparneko zentroan ez da zuberotar bakar bat ere. Amikuztarrik ere ez; badira batzuk Garazi-Baigorritik, baina gero kostaldean dira hoberenak. Zure garaian ere hala zen? Amikuzen guti zineten? Hamar bat ginen haurren mailan, eta bi bakarrik kadeteetan, besteak futbolera edo errugbira joaten ziren. Orain ere ikusten da, baina gutxiago, ene ustez. Profesionaletara heltzeko nola egin zenuen? Etxean aita banuen gibeletik beti, eta Amikuzen bagenuen talde bat biziki ona. Hazparnen diren gazte horiek berezkoekin jokatzen dituzte partida batzuk. Biziki ontsa da, eta ikusten dugu ere gazteak berriz trinketetara hurbiltzen direla. Hazparnen hasi diren gazte horietan maila izugarri ona da, baina momentuko berezkoekin bada zilo handi bat. Talde horrek irauten badu, zerbait eginen dute, baina behar dute landu oraino. Haien arteko giroak gehiago du lehiatik ala adiskidetasunetik? Oraino bakarrik bi aldiz bildu gara, baina giroa biziki ona atzematen dut. Beroketan mintzatzen dira, jostatzen eta abar..., baina entrenamendua hasten delarik serioski ari dira. Maila ona ikusten da. Ene ustez, denek gogoan dute egun batez profesional izatea, eta landu behar da. Fisikoa landu behar da, eskuak ontsa ukan, eta gero ikusiko dugu. Hogei gazteen hautaketa aho batez adostu omen da egitura desberdinen artean. Berezkoetara jauzi egiteko, berriz, kanpotik ikusirik, ez da hain argi hautuak nola egiten diren. Guk ere ez dakigu nola pasatzen den. Batzuetan pasatzen gara eta ulertzen dugu, batzuk pasatzen dira eta ez dugu ulertzen zerendako, batzuek galdegiten dute eta ez dira pasatzen, eta ez dugu ulertzen.
2020-9-25
https://www.berria.eus/albisteak/187414/berdintasunaren-aldeko-politikak-txertatuta-daude-jaurlaritza-osoan.htm
Politika
«Berdintasunaren aldeko politikak txertatuta daude Jaurlaritza osoan»
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburuari eginiko elkarrizketa argitaratuko du bihar BERRIAk.
«Berdintasunaren aldeko politikak txertatuta daude Jaurlaritza osoan». Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburuari eginiko elkarrizketa argitaratuko du bihar BERRIAk.
Hiru aste beteko dira bihar Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak karguaren zina egin zuenetik Gernika-Lumon (Bizkaia), eta hiru egun geroago hartu zuten kargua sailburu berriek; tartean, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburua. Jardun horri beste bat erantsi diote orain, ordea: gobernuaren bozeramailea izatea. Hari eginiko elkarrizketa argitaratuko du bihar, eta hauek dira Zupiriak elkarrizketan esandakoetako batzuk: - «Hezkuntza huelga egun hori baino askoz gehiago da, eta Jaurlaritzari erantzukizun handia dagokigu, baina egoera potolo baten aurrean gaude, eta denon erantzukizuna beharko da honi aurre egiteko». - «Osasun arloko lankideei entzuten diedana da martxoan eta apirilean baino hobeto gaudela. Nekane Murgari entzun nion gertatzen ari ziren kutsatzeek hildakoak ekarriko zituztela; oso gaizki hartu zituzten batzuek, baina hori gertatzen ari da». - «Gaur-gaurkoz ez dago beste biderik autogobernu handiagoa lortzeko: bide bakarra da elkarrizketa, negoziazioa eta akordioa. Bide horretatik kanpo egon dira proklamak eta aldarriak 40 urtez, eta bide horretatik gauza gutxiago etorri da».
2020-9-28
https://www.berria.eus/albisteak/187415/gasolinoa-bere-bakardadean.htm
Bizigiro
Gasolinoa bere bakardadean
Bilboko itsasadarren bi ertzak lotzeko txalupa zerbitzua dago Barakaldotik Erandiora eta Portugaletetik Areetara. Biek galdu dituzte bezeroak, baina lehena «larri» dabil.
Gasolinoa bere bakardadean. Bilboko itsasadarren bi ertzak lotzeko txalupa zerbitzua dago Barakaldotik Erandiora eta Portugaletetik Areetara. Biek galdu dituzte bezeroak, baina lehena «larri» dabil.
Egunak argitu orduko hasten dira beharrean, Bilboko itsasadarrak banatzen dituen bi ertzak lotu guran: Erandiotik Barakaldora, eta buelta; Portugaletetik Areetara, eta buelta. Etengabean ibiltzen dira txalupa motordun txikiak eskumako eta ezkerreko ibarren arteko distantzia desagerrarazi guran. Baina gasolino izenez ezagun diren txalupa horien etorkizuna kolokan dago. Ertz bateko eta besteko bizilagunek bestelako loturak topatu dituzte azken hamarkadetan. Arrondegiko zubiak, lehenengo, eta Bilboko Metroak, hurrengo, erabiltzaile kopurua nabarmen txikitzea ekarri die zerbitzu biei. Eta COVID-19aren pandemiak Erandio eta Barakaldo artekoa kinka larrian ipini duela ohartarazi du Oscar Suarez ugazabak. Erandion dagoen Muruetako ontziolakoek abuztuan egindako enkargu bati esker irabazitako diruak salbatu du udan negozioa behin betirako ixtetik; urte bukaera arte eutsi ahalko duela esan du. Baina ez daki gero segitzerik izango duen. «Koronabirusak esango du». Astelehenetik barikura eskaintzen du Suarezen Boteros de la Ria enpresak bi itsasertzak lotzen dituen zerbitzua: 05:30ean hasi eta 21:30 arte, eten barik. «Asteburuetan zerbitzua eskaintzeari utzi genion metroa martxan jarri zenean. Ez zen errentagarria», gogoratu du. Beti bezala, beharginak dira erabiltzaile nagusiak, itsasadarraren alde batean bizi eta bestean lan egiten dutenak. Besteak beste, momentuz negozioa salbatzen lagundu dioten Murueta ontziolako langileek erabiltzen dute. Baina baita Barakaldoko bidegorrira bizikletaz ibiltzera joan gura duten erandiotarrek ere. Edo umeekin txalupan ibili gura duten familiek. Suarezek argi esan du: «Bi ertzak lotzeko zerbitzua ez da errentagarria; aspaldi utzi zion dirua emateari». Nolabaiteko nostalgiagatik eusten diola aitortu du. Haren enpresak bestelako zerbitzuak ere eskaintzen ditu. Txalupa handiagoak ditu itsasadarrean gora eta behera ibiltzeko. Adibidez, bisita gidatuak eskaintzen dituzte, eta baita ezkontzera doazenen despedida jaiak ere. «Udan alokatuta irabazten dudan horri esker, gasolino zerbitzua mantendu ahal izaten dut, berez ez baita inondik ere errentagarria». Baina, pandemia hasi zenetik, itsasontzia alokatzen duten talde horiek desagertu egin dira. «Ez dut bezero bakar bat ere izan, eta uztailean uste nuen zarratu egin beharko nuela. Ea datozen hilabeteetan koronabirusak bakean uzten gaituen eta jendea itzultzen den. Baina neguan, normalean, eguraldia dela eta, mugimendu gutxi egoten da». Elkarrekin Bizkaiak proposatuta, txalupa zerbitzu hauek biak Barik txartelaren egituran sartzea eztabaidatu dute Bizkaiko Batzar Nagusiek. Ez da onartu. Baina, Suarezen esanetan, bere kasuan ez daki onuragarri izango litzatekeen ere. «Egia esan, ez dut ezagutzen txartelaren funtzionamendua. Baina 1,10 euroko bidaia erretiratu bati 50 zentimo kobratu behar badiot Barik txartela duelako, ez da negozio!». Bestelako laguntza batzuk beharko lituzkeela uste du. Eta dagoeneko eskatu dizkio Erandioko Udalari. Moila egokitzea eta Bilboko Portu Agintaritzari itsasadarra dragatzeko eskatzea nahi du. Joan diren egunotan arazoak izan ditu nabigaziorako, marea biziak direla eta. Erdia betetzean, pozik Barakaldo eta Getxoko Areeta auzoa lotzen dituen zerbitzuaren kudeatzaile Juanma Hernandezek, ordea, begi onez ikusi du Barik txartelean sartzeko ideia. Are gehiago: ez du ulertu zer dela eta eztabaidatu duten Batzar Nagusiek proposamen hori, berak dagoeneko Bizkaiko Garraio Partzuergoarekin negoziatua baitu. «Sar gintezkeela esan ziguten uztailean egindako bileran; ez dut uste orain arazorik izango dugunik». Euren enpresa Erandiokoa baino «hobeto» dagoela esan du. «Azken urteetan bezero asko galdu ditugu, bai, baina oraingoz negozioari eusteko moduan gaude». Gogoratu du garai batean jende gehien ibili ohi zen orduetan bi txalupa ipini behar izaten zituztela aldi berean lanean; orain, bakarra izaten dute, eta sarri erabiltzaile bakarra garraiatzeko. «Txalupak 40 lagun eroan ditzake aldi berean, baina orain sekula ez dugu hainbeste garraiatzen; gehienez 20ren bat joango dira, bidaia onenetan». Erandio eta Barakaldo artean bezala, Portugalete eta Areeta artean ere bezero gehienak beharginak izaten dira. Eta uda partean, turistak ere bai. Aurten halakorik gutxi izan dute, hala ere. Neguan, berriz, Erandion bezala, behera egiten du erabiltzaile kopuruak.
2020-9-25
https://www.berria.eus/albisteak/187416/filippo-ganna-hegan-etxean.htm
Kirola
Filippo Ganna, hegan etxean
Erlojuaren aurkako Munduko Txapelketa irabazi du lehendabiziko aldiz, Imolan (Italia). Wout van Aert izan da bigarren, eta Stefan Kung hirugarren.
Filippo Ganna, hegan etxean. Erlojuaren aurkako Munduko Txapelketa irabazi du lehendabiziko aldiz, Imolan (Italia). Wout van Aert izan da bigarren, eta Stefan Kung hirugarren.
Italiako txirrindularitzaren palmaresean erlojuaren aurkako Munduko Txapelketa azalduko da gaurtik. Filippo Gannari esker. Erakustaldia eman du 24 urteko gazteak zaleen aurrean, Imolan. Hegan joan da bizikleta gainean, eta bereibilbide motzeko garaipenik handiena lortu du. Duela hiru egin zuen debuta profesionaletan. Orduko 53 kilometroko batez besteko abiaduran egin ditu 31.7 kilometroak; 35.54 minutuko denbora egin du. Bigarren Wout van Aert flandiarra izan da, harengandik 26 segundora, eta Stefan Kung suitzarrak jantzi du brontzezko domina, 29 segundora. Azken bi aldietako txapelduna, Rohan Dennis australiarra, bosgarren sailkatu da, 39 segundora, eta haren aurretik Geraint Thomas galestarrak egin du, 37 segundora. Hasi eta bukatu menderatu ditu aurkariak Gannak. 14,9. kilometroan zegoen erreferentzia puntuan aurrena zihoan, eta atzetik zituen Dennis (20 segundora), Thomas (35era), Kung (41era) eta Tom Dumolin (45era). Lasterketaren bigarren zatian, haizea alde izan duten horretan, Van Aert ere ziztu bizian joan da. Izan ere, erreferentzia puntuan, seigarren denbora egin du, Gannarengandik 46 segundora. Azkeneko 17 kilometroan, Ganna ez beste aurkari guztiak gainditu ditu, eta munduko txapeldunari ere 20 segundo jan dizkio tarte horretan. Pello Bilbao 26. sailkatu da. Irabazleak baino 2.33 minutu gehiago behar izan ditu Gernikako txirrindulariak. Gaur zuen debuta erlojuaren aurkako Munduko Txapelketan.
2020-9-25
https://www.berria.eus/albisteak/187417/esnal-haranburu-eta-parot-hiltzea-egotzi-diote-frantziari.htm
Politika
Esnal, Haranburu eta Parot «hiltzea» egotzi diote Frantziari
Euskal Herriak blokeoa «egiaztatu» duela erran du Ipar Euskal Herriko ordezkaritzak bFiskaltzaren hitzak salatu ditu Paulus Basurco abokatuak
Esnal, Haranburu eta Parot «hiltzea» egotzi diote Frantziari. Euskal Herriak blokeoa «egiaztatu» duela erran du Ipar Euskal Herriko ordezkaritzak bFiskaltzaren hitzak salatu ditu Paulus Basurco abokatuak
Esperotako erabakia eman zuen atzo Parisko Dei Auzitegiak. 70 urte betetzear, preso segitu beharko du Jakes Esnal euskal presoak. Presondegian 30 urte eman baditu ere, beste behin ere, ez diote baldintzapeko askatasun eskaera onartu. Eta sorpresarik ezean, erabaki bera espero da urriaren 27an, Frederic Haranburu Xistorren eskaera ukatzea eskatu baitu fiskaltzak. Jon Kepa Parotek bere aldetik, sei eskaera egin ditu orain arte; seiak ukatuak. «Onartezina eta kriminala» dela erran zuen Bake Bideak atzo, eta hitz berak erabili ditu gaur EH Baik ere, Frantziako Gobernuaren «inmobilismoa eta arduragabekeria» nabarmentzeko. Gogorrago mintzatu dira Ipar Euskal Herriko ordezkaritzako kideak: «erabaki hau hiltze bat da. [...] Dei Auzitegiak baldintzapeko askatasun eskerak behin eta berriz ukatzea heriotzerainoko kondena da», deitoratu dute. Egoera «blokeatua» dela egiaztatu dutela adierazi dute, eta Frantziari dei egin diote politika penal bat definitu dezan, «zentzuz eta errealismoz». Eta oharra: «blokeo honek, inork nahi ez dituen eta bake prozesuaren bidez sahiestu nahi ziren lerratzeen arriskuan ezartzen du Euskal Herria». Haserre mintzatu da Maritxu Paulus Basurco abokatua ere. Baldintzapeko askatasun eskaera ukatzeko epaileak argumentatu du Esnal ez zela Frantziako Ebaluzio Zentroaren aitzinetik pasa, terrorismo kasuei lotutako prozedurek baitezpadakotzat jotzen ez badute ere. «Prozedura berezia da, eta errespetatua izan da. Orain, beste baldintza batzuk gehitzen zaizkigu, beste eginbehar batzuk. Argi da: ez dugu nehoiz bukatuko. Beti zerbait izanen da. Hau izan ez bazen beste argumentu bat izanen zen. Hori da ulertu behar dena: nahi ez delarik aitzakiak aurkitzen dira», salatu du Euskal Irratietan. Haranbururen lehen auzia biziki «zaila» izan zela erran du, «eraso handiak jasan zituen». Oraingo hau «bareago» izan bada ere, fiskaltzaren jarrera salatu du. «Prokuradoreak argi utzi du Haranbururen baldintzapeko eskaeren aitzinean beti ezezko postura izanen zuela; ez zuela inoiz postura aldatuko». Paulus Basurcoren hitzetan, legezko oinarrizko printzipioen kontra doa hori: «berdin zaio dosierra, berdin zaizkio bermeak, berdin zaizkio ekarri ditugun elementuak -eta badira! Horien artean Baionako prokuradorearen oniritzia-... Beti ezezkoan egonen dela dio, eta hori epaile batek ezin du onartu».
2020-9-25
https://www.berria.eus/albisteak/187418/gutxienez-22-lagun-hil-dira-ukrainan-hegazkin-istripuan.htm
Mundua
Gutxienez 22 lagun hil dira Ukrainan, hegazkin istripuan
Armadaren aireko batek lurra jo du herrialdearen ipar-ekialdean.
Gutxienez 22 lagun hil dira Ukrainan, hegazkin istripuan. Armadaren aireko batek lurra jo du herrialdearen ipar-ekialdean.
Hegazkin militar batek lurra jo du Ukrainako ipar-ekialdean, eta gutxienez hogei lagun hil dira istripuan. Reuters agentziaren arabera, hegazkinak 28 bidaiari zeramatzan barrenean, tripulazioko kideak kontatuta, eta 22 hil dira. Haietako asko armadako kadeteak ziren, iturri horrek dioenez. Kharkiv hiritik gertu erori da hegazkina, aireportu militar batetik bi kilometrora. Anton Geraxtxenko Barne ministrordeak jakinarazi du hiru lagun ospitalera eraman dituztela "egoera larrian". Volodimir Zelenski presidentea ere mintzatu da istripuari buruz, eta esan du lehen zantzuen arabera hegazkina trebaketa hegaldi bat egiten ari zela.
2020-9-26
https://www.berria.eus/albisteak/187460/bakardadea-ere-osasunaren-etsai.htm
Gizartea
Bakardadea ere osasunaren etsai
55 urtetik gorakoen %5,5ek aitortu dute bakarrik sentitzen direla; kopuru hori, ordea, dezente handiagoa dela ondorioztatu dute beste galdera batzuei emandako erantzunetatik. COVID-19ari aurre egiteko hartutako neurriek are gehiago oker dezakete egoera.
Bakardadea ere osasunaren etsai. 55 urtetik gorakoen %5,5ek aitortu dute bakarrik sentitzen direla; kopuru hori, ordea, dezente handiagoa dela ondorioztatu dute beste galdera batzuei emandako erantzunetatik. COVID-19ari aurre egiteko hartutako neurriek are gehiago oker dezakete egoera.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Bakardadea-K. Gipuzkoan pertsonak konektatzen estrategiaren barruan, azterketa kuantitatibo bat egin dute, herrialdean dauden bakardade profilak aztertzeko asmoz. 55 urtetik gorako 2.050 pertsonako lagin bat hartu dute, eta ateratako emaitzetako bat hau izan da: %5,5ek esan dute bakarrik sentitzen direla —15.000 lagun lirateke—. Inkesta berean, zeharkako bakardadea edo bakardade pribatua ere neurtu dute Jong Giervelden eskalaren bidez —hau da, bakarrik hitza agertzen ez den eskala baten bidez, zeharka galdetuz—, eta kalkulatu dute nahi gabeko bakardadea sentitzen dutela %29,5ek —80.000 pertsonak baino gehiagok—. Generoa kontuan hartuz gero, bakarrik sentitzen direla esan duten emakumeen ehunekoa %7koa da; gizonena, berriz, %3,7koa. Adinean aurrera egin ahala bakardade sentimendua areagotu egiten dela ere ondorioztatu du azterlanak; izan ere, 55-64 urte dituztenen %4k erantzun dute bakarrik sentitzen direla, eta 80 urtetik gorakoen %8,5ek. COVID-19ari dagokionez, bereziki zaurgarriak dira adinekoak, eta etxetik ateratzeko beldur dira zenbait. Beldurrik ez dutenei ere nabarmen aldatu zaie eguneroko bizitza; esate baterako, haientzako antolatutako jarduerak murriztu egin direlako —Imsersoren bidaiak, kultur ekitaldiak eta abar—, agintariek harreman sozialak murrizteko agindu dutelako kutsatzeko arriskuagatik, seme-alabek biloben zaintza lanak ez egiteko eskatu dietelako nahiz beste hainbat arrazoirengatik. Ez gaixotzea garrantzitsua izanik ere, adituek ohartarazi dute norbere ongizatean eragiten duten bestelako alderdiak ere zaindu egin behar direla. Bakardadean dauden adinekoei laguntzea da Nagusilan elkartearen helburuetako bat. Asun Ugarte hango boluntarioetako bat da, Legazpiko taldearen koordinatzailea. «Egoera honetan, adineko pertsona asko bakardadean harrapatuta geratzen dira», esan du. Pandemia iritsi aurretik, elkarteko kideek egunero egiten zituzten bisitak eguneko zentrora eta zahar egoitzara, eta aldiro antolatzen zituzten jarduerak, hala nola bingoa eta bideo emanaldiak. Otsailaren amaieran, inauteriak ospatu zituzten egoitzan, eta hura izan zen orain arteko azken ekitaldia, urte erdia igaro den arren oraindik ez baitute lehengo martxa berreskuratzerik izan. «Badakigu pertsona askok sumatzen dutela guk ematen diegun horren falta, ordubete horretan egiten genituen ekintzekin oso pozik egoten baitziren». Ulertzen dute egoitzetan neurri zorrotzak jarri izana egoiliarrak babesteko. «Baina aztertu nahi dugu zer egin dezakegun berriz ere gauza txiki batzuk antolatzen hasteko, inor ez dutenekin paseotxo batzuk eman eta horrelako gauzak». Ugarteren esanetan, adinekoentzat ere izugarri garrantzitsuak dira harreman sozialak. «Behar ditugu, eta egunerokotasun edo normaltasun bat ere bai. Neurriak hartzen jarraitu behar dugu, baina ahalik eta normaltasun handienari eutsiz». Orekaren beharra Bat dator Maria Zunzunegi psikologoa. Gaur egun psikologia kabinete bat du Azpeitian, eta aurrez zahar egoitzetan aritu izan da psikologo lanetan, egoiliarrekin nahiz senideekin. «Lehenik eta behin, ez dezagun ahaztu osasun fisikoaz gain buru osasuna ere beharrezkoa dugula gure ongizaterako, bien arteko oreka bat behar dugula osasuntsu mantentzeko». Esate baterako, gogoratu du zenbait ikerketak ondorioztatu dutela bakardade sentimenduak eragin zuzena duela hilkortasun tasetan; hau da, bakarrik sentitzen diren nagusiek behar baino lehenago hiltzeko arrisku handiagoa dutela. Diputazioak bakardadeari buruz emandako datuak ez zaizkio harrigarriak egin. Alde batetik, azaldu du pertsonak behartuta daudela une oro egokitzapen prozesu batean bizitzera, eta adin nagusikoek oso aldaketa handietara egokitu behar izaten dutela, hala nola erretirora, alarguntzera nahiz gurasoen edo lagunen heriotzari aurre egitera. «Bizitzaren zentzua mantentzea maiz ez da erraza izaten gure bizitzan esanguratsuak izan diren rolak galtzean: langile, guraso, senar-emazte…». Bestetik, egungo indibidualismoa aipatu du. «Indibidualismoak eta zahartzearen inguruko aurreiritzi negatiboek adin tarte horretan daudenak baztertzeko joera bultzatzen dute, bakardade sentimendua areagotuz». Bakardade aitortuaren (%5,5) eta zeharka ondorioztatu denaren (%29,5) artean halako aldea egoteari ere ikusten dizkio zenbait arrazoi posible. «Buru osasuneko beste hainbat kasutan bezala, bakardadearen eta haren inguruan sortzen diren emozioen inguruan tabu bat dago: esan ezina, lotsa eta beldurra. Kontuan izan behar da, gainera, adin tarte horretatik gorakoek hezkuntza emozionalik ez zutela jaso ez etxean, ez ikastetxean; beraz, barneko sentimendu eta emozioen kudeaketan zailtasunak izaten dituzte». Familia egituretan, zaintza ohituretan eta jendearen bizimoduan aldaketa handiak izan diren arren, eraldaketa horretan nagusiek dituzten ezagutzak, balioak eta abar txertatzea eta estimatzea «ahaztu» egin zaigula uste du Zunzunegik. Horren harira, COVID-19a iritsi zenetik adinekoen bakardadea handitzen ari dela dio, bai sentimendu gisa, bai errealitate gisa. «Gertutasun fisikoari ezarritako mugak kontuan izanik, teknologiak eskura jartzen dizkigun tresnez baliatu beharko genuke gure nagusiekin ditugun harremanak mantentzeko edo sendotzeko». Bideo deiak, betiko deiak nahiz iraganean ohikoagoak ziren idatzizko gutunak gomendatu ditu. 'Zilarrezko haria' Hain zuzen, eguneroko bisitak egiteko aukerarik gabe geratu zirenean, Zilarrezko haria izeneko zerbitzua indartzea izan zen Nagusilanek hartu zuen erabakietako bat. «Izugarrizko arrakasta izan du», kontatu du Ugartek. Telefono linea bat da, eta zerbitzuaren bidez, jendeari norbaitekin hitz egiteko aukera ematen zaio, adostutako egun eta orduan. Nagusilaneko boluntarioak deitu ohi dio, baina zerbitzua eskatu duenak esaten du zeri buruz hitz egin. «Hasieran jendeari erreparo pixka bat ematen dio: zer galdetuko ote dit, igual nire bizitzari buruzko zerbait jakin nahiko du... Baina ez da horrelakorik gertatzen; pertsonak nahi duenari buruz hitz egiten da». Kanpaina bat egiteko asmoa du elkarteak, zerbitzua hobeto ezagutarazteko. «Poliki-poliki harremanak sortuz joaten dira, eta jendea oso gustura egoten da, pozik norbaitek deitu behar diolako ordu jakin batean». Hilabeteotan, saiatu dira egoitzetako arduradunekin telefono bidezko harremanari behintzat eusten, eta bideoak eta abar ere egin dituzte egoiliarrentzat, kontaktua mantentzeko. Boluntarioen arteko harremanari eusteko ahalegina ere egin dute, Whatsapp bidez eta halakorik ez dutenei zuzenean deituz, talde giroa ez hozteko. Boluntario lan horietan ari direnean bakardade asko ikusten al duten galdetuta, Ugartek zehaztu du era askotakoa izan daitekeela bakardadea. «Baten batek erabaki dezake bakarrik egotea: bada, primeran, baina izan dadila berak erabaki duelako». Nagusilanen helburuetako bat da «antena moduko bat» izatea, nahi gabeko bakardadea bizi duten horien kasuak detektatzeko. Etengabeko harremana dute gizarte zerbitzuekin eta lehen mailako arretarekin, eta elkarrengana bideratzen dute jendea. «Baina argi dugu arau bat: gu ez gara sartzen langile profesional baten lanean. Gure egitekoak beste batzuk dira». Nagusilaneko boluntarioen artean, emakumeak gehiago dira gizonak baino. Alabaina, datuek diote emakumeen artean handiagoa izan ohi dela bakardade sentimendua. Bi arrazoi nagusi ikusten ditu Zunzunegik: «Emakume nagusiak, beraien bizitzan zehar, inguru sozialaz baino gehiago arduratu izan dira etxeko lanez eta zaintza lanez; beraz, urteetan jorratu gabeko erlazio sozialen hutsunea handiagoa izan ohi da bestelako rolak galdutakoan». Bizi itxaropen luzeagoa izateak ere badu zerikusia. «Alarguntze prozesuak oso sarri gertatu ohi dira, baita ingurukoen heriotzen dolu prozesuak bizi behar izatea ere». Nola aurre egin? Bakarrik senti zitezkeela pentsatuta, Nagusilaneko kideek behin baino gehiagotan gonbidatu izan dute jendea elkartera, eta proposamena onartu izan dutenek asko eskertu izan diete emandako aukera. Izan ere, bakardadeari aurre egiteko gomendio bat eskatuta, Ugartek argi du talderen bateko kide izateak asko laguntzen duela. «Aukera asko daude bakardadea pixka bat alde batera uzteko: boluntario lanak, zerbait ikasi, dantza, paseoak eman... Taldetxoren batean egonez gero, jendea ezagutzen da, eta akaso bizpahiru lagunekin kafea hartzeko geratuko zara egunen batean, eta gero haien bidez beste jende bat ezagutuko duzu...». Haren esanetan, ordea, bakoitzari dagokio bere egoera noiz eta nola bideratu erabakitzea, eta barrutik indar pixka bat ateratzea. «Nik jendeari aholkatuko nioke ez geratzeko etxean. Garrantzitsua da aktibo mantentzea eta leihoak pixka bat irekitzea». Antzeko aholkuak eman ditu Zunzunegik ere. Haren esanetan, bakardade sentimenduari aurre egiteko beharrezkoa da norbere sentimenduak onartzea eta adieraztea —idatziz, margotuz, musikaren bidez—; gure barnean bakartu beharrean, besteekiko gertutasuna bilatzea; bizitzarekiko jokaera aktiboago bat bultzatzea —ariketa fisikoa egitea, telefono deiak egitea…—; gustuko ditugun jarduerak egitea —irakurri, ariketa fisikoa egin, kozinatu…— eta lagunarteko edo familiako kideekin elkartzea. «Boluntariotza egitea ere baliabide bikaina da bakardadeari aurre egiteko eta, bide batez, besteen bakardadea uxatzen laguntzeko». Kontatu du bakardadea aipatzen denean hutsune fisiko bati egiten zaiola erreferentzia batzuetan, baina beste batzuetan, geure buruarekin egoteak sortzen digun egonezinari, hutsune emozionalari. «Askotan esaten da, adibidez, jendez inguratuta egonik ere, bakarrik senti gaitezkeela». Horri lotuta, trabak jartzeaz gain, pandemiak aukera batzuk ere sortu dituela uste du. «Gure buruarekin egoten ikasteko eta disfrutatzeko aukera ematen ari zaigu».
2020-9-26
https://www.berria.eus/albisteak/187461/sarritan-mezuari-baino-garrantzi-handiagoa-ematen-diogu-formari.htm
Kultura
«Sarritan, mezuari baino garrantzi handiagoa ematen diogu formari»
Zirtoa eta umorea ezinbestekoak ditu Agin Laburuk, baina rol horretatik harago doa haren bertsokera. Egun den horretatik eta dagokion garaitik abiatuta kantatzeko gogoa du, udaberriko balaztadaren aurretik nabari zuen sasoi onera itzultzekoa.
«Sarritan, mezuari baino garrantzi handiagoa ematen diogu formari». Zirtoa eta umorea ezinbestekoak ditu Agin Laburuk, baina rol horretatik harago doa haren bertsokera. Egun den horretatik eta dagokion garaitik abiatuta kantatzeko gogoa du, udaberriko balaztadaren aurretik nabari zuen sasoi onera itzultzekoa.
Etenaldirik ez dute izan bertsolaritzak eta sagardogintzak udan, baina egoerak behartutako motelaldian eta testuinguru berrira moldatu beharrean ikusten ditu biak Agin Laburuk (Astigarraga, 1985). Etxean jaso ditu bata zein bestea. Ofizio du sagardoa, eta Ipintza familiako sagardotegian ematen ditu lan orduak, arrebarekin batera. Bertsora, berriz, «jolasean» iritsi zen. Egun ere banaezin ikusten du bertsolaritza bere aspektu ludikotik, baina egun bere bizitzan duen lekua hortik nabarmen harago doa, hark hala baimenduta. Neguan izaten da sagardotegi garaia, baina aurten uda negutu egin zaizue, nolabait. Lehendik ere urte osoan zabalik izaten genuen, eta, alde horretatik, guretzat ez da aldaketa handirik izan. Bertako jendearekin lan egiten saiatzen gara, turismoarekin baino gehiago, eta lan egiteko moduan ez digu plana asko aldatu. Egia da guretzat diru sarrera oso garrantzitsuak direla txotx garaikoak, eta horrek asko eragiten digula. Dena den, nik uste dut udan lan egiten ez duten sagardotegiei min gehiago egingo diela. Neguko galera ekonomikoak orekatzerik izan duzue? Ahalik eta gutxien galtzeko eta irauteko urtea da aurtengoa. Uztailean herriko festak puntu garrantzitsu bat izaten ziren, esate baterako, eta hori ez da aurten egin. Behobia-Donostiarik ere ez dago, eta horrek ekartzen zuen jende saldo bat. Turismotik ere diru gutxi bilduko dugu. Denboraldia irabaziak ateratzeko garaia izaten da, eta halakorik ez da egon aurten. Orduan, ez galtzea eta irautea da helburua. Eta aurtengotik harago, nola molda daiteke sagardogintza egoera arraro honetara? Berrasmatu egin beharko du, orain arteko formulek ez baitute balioko. Dena ez dago gure gaitasunaren menpe; autobusak ere ez dira lehen bezala etorriko, eta masifikazio hori, guk ezer egin gabe ere, ez da sortuko. Arazo nagusia txotxarekin egongo da, hor pilatzen baita jende gehien. Sagardotegioi eragingo digu, baina baita tabernariei ere. Astigarragan eta inguruan asko nabarituko da. Guk, azkenean, larunbat batean 120 eman beharrean 70 otordu eman baditzakegu, moldatuko gara edo iraungo dugu, baina beste askok alde handiagoa nabarituko dute. Autobusetatik-eta bizi direnek gorriak pasatuko dituzte. Etxetik datorkizu ofizioa: sagardogintza. Kazetari ere aritutakoa zara. Etxeko sokari eutsi ala horrekin apurtu; ataka horretan ikusi al duzu inoiz zure burua? Kazetaritza gustatzen zitzaidan eta gustatzen zait, eta noizbait badut itzultzeko asmoa. Familiako egoera medio sartu behar izan dut sagardotegi mundura, eta ataka batean geundelako. Niri horri heltzea tokatu zait, eta, behin ataka hori pasata, agian beste bidegurutze batean aurkituko naiz laster. Orduan ikusiko dugu ezkerrera edo eskuinera, nora hartuko dudan. Etxean jaso duzu bertsoa ere. Horri heldu edo ez, zalantza gutxiago izan duzu? Hor ez dago zalantzarik; pasio bat da. Betidanik gustatu izan zait hizkuntzarekin jolas egitea, eta bertsoak horretarako aukera ematen dit. Asko disfrutatzen dut bertsoarekin. Momentu honetan, nire bizitzako zati garrantzitsu bat ere hartzen du, nik hala nahi dudalako eta hala izan dadin utzi dudalako. Bertsoa kenduko balidate —eta ez plaza, urte batzuetako kontua izan ohi baita plazako jarduna—, nire bizitzaren zati handi bat faltako litzaidake. Laguntasunak, harremanak, jolasak eta gauza horiek denek, sozializazio horrek guztiak, zati handi bat okupatzen dute. Bertsoa zuretzat jolasa dela esan izan duzu; jolasean iritsi zinela plazetara? Orain horrela da, eta gerora ere hala izango da. Bertsoa, oinarri-oinarrian jolasa da. Espresio bide bat ere bada, barruko kezkak azaleratzeko modu bat da, transmisioari eta euskarari ere laguntzen dio... Hori guztia ere bai, noski, baina, oinarri-oinarrian, jolasa dago. Esentzia hori ez luke inoiz galdu behar. Nola aurkitu duzu plaza konfinamendu ostean? Izan den hori albait hobekien aprobetxatzen saiatu gara, baina distantziak, maskarek eta halakoek hoztu egin dute publikoarekin harremana. Bertsolariaren eta publikoaren arteko harreman zuzena da bertsoaren ezaugarrietako bat, eta, harreman hori hozten bada, bertsolaria ere hozten da, eta horrek eragiten du. Hori aintzat hartuta, iruditzen zait oso zaila zela konfinamendu ostean saio oso on bat ateratzea. Gaur egun daukagun markoan, baldintza onenak jarrita ere, zaila iruditzen zait. Baldintza duinak badaude, noski, baina zaila da baldintza guztiak betetzea, bertso saio on batek dituen osagai guztiak izateko. Entzuteko gogoz eta bertso gosez dagoen publikoa topatu dut, baina, antolatzaileek oso baldintza duinak jarriagatik ere, oso baldintza ez-naturalak dira, eta zaila da baldintza horietan bertso saio on edo oso on bat ateratzea. Publikoaren feedback-a edo erreakzioa falta dutela nabarmendu dute zenbait bertsolarik. Bertso bat bota eta jendeak eskertzen dizunean, keinu bidez-edo antzematen baduzu, apustu hori bikoiztu egingo duzu, eta hurrengoan igerilekura salto egitera ausartuko zara, urik dagoen edo ez jakin gabe. Feedback hori ez baduzu, kontserbadoreagoa bihurtuko zara, nolabait. Saioa ona izan dadin ahaleginduko zara, baina ez zara sekulako jauzia egitera ausartuko. Saio txukunak ateratzea posible da, baina baldintza hauetan oso saio on bat egitea zaila iruditzen zait, ez dagoelako harreman esturik publikoarekin. Zaila da saioa berotzea. Zure esaldi bat da: «Gustatuko zaizu ala ez, baina Aginek horrela egiten du bertsotan». Nola da «horrela»? Uste dut oso garrantzitsua dela norberak nahi duena egitea. Besteek nahi dutena egitera makurtzen bazara etengabe segur aski zu zeu ere ez zara gustura sentituko, batetik, eta besteek nahi duten hori egiten ere ez duzu asmatuko, bestetik. Zuk egiten duzun horretan sinestea garrantzitsua dela uste dut; botatako bertso guztiak sinatzea, nahiz eta hanka sartzeren bat egin. Beldurrak galtzea eta norbere buruarekin fidela izatea, finean. Iraganean izan diren bertsolari batzuek agian plaza gehiago egingo zituzketen euren bertsokera moldatu izan balute, baina ez zuketen euren bertsokera jarraituko. Horri leial jarraitu zietelako jarraitu zuten zituzten plaza horietan. Beste batzuk, aldiz, saiatu izan dira bertsokera aldatzen, eta erdibidean geratu dira; zirena ukatu diote euren buruei, eta izan nahi zutena izatera ez dira iristen. Uste dut garrantzitsua dela estiloari fidel mantentzea. Estilo aldetik oso abaniko zabala dago gaur egun bertsolarien artean. Bertsolaritzaren aberastasuna horretan oinarritzen dela uste dut, eta estilo jakin bat gustatzen ez bazaizu, bestelako bertso saio batera joateko aukera duzu. Zure bertsokeran umoreak leku handia du. Ezinbestekoa da bertsolaritza zure moduan ulertzeko? Bai, jolasean oinarritzen baita nire bertsokera. Horrek ez du esan nahi serio kantatzeari uko egiten diodanik. Bere momentuan, gainera, apustu egin nuen esateko nik ere badakidala serio kantatzen, eta bereziki hori landu nuen. Ez dut uste umorean bakarrik sailka naitekeenik. Nire estiloaren oinarrietako bat umorea da, noski, baina ez bakarra. Umoretik kanpo ere moldatzen zarela erakutsi beharraren zama izan duzu inoiz? Bai, noski. Umoretik heltzeko moduko gai bat jarri, eta nik propio serio heldu; halakoak ere egin izan ditut. Ulertzen dut badirela ni baino bertsolari hobeak gai batzuetan tonu jakin batean kantatzeko. Nire rola onartzen dut kasu batzuetan, baina ez bestea menperatzen ez dudalako. Eta, gainera, gustura ere sentitzen naiz tonu horretan, hala egitea dagokidanean. Umorea ez da gauza lau eta objektibo bat, ordea. Publikoan nabaritu duzu zure umoreari erresistentziarik? Nire umorea gustatzen ez zaionak erraza dauka; Agin ez entzutea oso erraza da... Ulertzen dut jende bati nire bertsokera ez gustatzea edo beste bertsokera bat nahiago izatea. Natural bizi dut hori guztia. Nire bertso guztiak nireak dira, eta nire hanka-sartze guztiak ere bai; ez daukat konplexurik, alde horretatik. Eduki dut meditazio fase bat, eta kezka batzuk ere bai, baina momentu honetan seguru nago nire buruaz, eta ez daukat arazorik plazara lasaitasun osoz ateratzeko, jakitun izanda gauza batzuk ez ditudala ongi egingo eta jende bati agian ez zaiola gustatuko egiten dudana. Mezua teknikaren zerbitzura jartzen duen bertso modu bat ez ote den gailentzen ari; kezka hori azaleratu zenuen Txapelketa Nagusian. Txapelketa garaiari dagokion gogoeta bat da hori. Arriskutsua iruditzen zait kontatu nahi duzuna kontatzeari uko egitea, jakinda horrek puntuak emango dizkizula. Formari mezuari baino garrantzi handiagoa ematen diogu sarritan, eta ez diogu behar beste begiratzen esandako horri. Ez da zuria edo beltza, noski; prosaz esango zenukeen hori bera ezin duzu bertsoz esan, eta hori ere jokoaren parte da: hitz gutxirekin gauza asko esatea. Askotan ez diogu galdetzen geure buruari, ordea, bertsolaria zer ari zaigun kontatzen. Arriskua ikusten diot mezuari behar bezala ez erreparatzeari. Txapelketa garaiko gogoeta bat da, iruditzen zitzaidalako ari ginela gauza batzuk baloratzen, garrantzitsuagoak iruditzen zaizkidan beste gauza batzuk ahaztuta. Nolakoa izaten da zuretzat txapelketa garaia? Asko gustatzen zait, egia esan; entrenamenduak edo prestatze fase hori, batez ere. Beti igarotzen dut gau txarren bat edo beste, nire urduritasunagatik nahiz ingurukoenagatik. Badaude kenduko nituzkeen aspektu batzuk, baina sortzen den giroa gustatzen zait, eta biltzea, saioez hitz egitea... Hobetzeko aukera ona izaten da, gainera. Urtean zehar progresio bat izaten saiatzen gara, baina txapelketak progresio hori bizkortu eta koxka bat gora egiten laguntzen digu. Fruituak agian ez ditugu txapelketa garaian jasoko. Ni orain ari naiz nabaritzen Gipuzkoako Txapelketarako landutako gauza batzuk, adibidez. Egia da, bestalde, txapelketa oso era transzendentalean bizitzeko joera dugula, ahaztuta oinarrian dagoen jokoa. Dena biderkatzen da txapelketaren bueltan. Fokupean eroso sentitzen al zara? Kontua da fokua zuk aukeratu duzun edo gainean jarri dizuten; hor dago desberdintasuna. Esposizio publikoa asko igotzen da txapelketetan, baina, kasu batzuetan, eztabaida publikoan dauden gai batzuen erdian egoten gara guk hala nahi izaten dugulako, eta, beste batzuetan, aldiz, guk hala nahi izan gabe. Hori gertatu zitzaidan niri azkeneko txapelketa nagusian, adibidez: eztabaida batean erdigune bilakatu nintzen. Garai zehatz horretan oso gaizki pasatu nuen, baina, gainontzean, ez dut arazorik fokuekin. Umorearen arazoa da sarritan mugara eramaten dugula, eta batzuetan muga horiek pasatu ere egiten ditugula. Arrisku horiek hartzea da umorea. Hartuko ez bagenitu, joko aspergarri batean eroriko ginateke. Buruz burukora heldu zinen iaz Gipuzkoako Txapelketan. Lehen aipatu duzun progresio horretan koxka bat gora egitea izan al zen? Emaitzei erreparatuta ematen du koxka bat gora egin dudala, baina ez nuke horren arabera neurtu nahi. Koxka bat gora egin dudala esango nuke, baina ez emaitzei dagokienez, heldutasun aldetik baizik; gaien trataeraren aldetik eta ni neu oholtzan jartzeko moduagatik. Lehen aipatu dudan kontu horrengatik, azkeneko txapelketa nagusia nahikoa behean amaitu nuen, bai animoz eta bai indarrez, eta bertsotan ere nahikoa behean nengoela uste dut. Orduan, lan handia egin dut lehengo mailara itzultzeko, eta, bide horretan, gauza berriak ikasi ditut. Alde horretatik ikusten dut, batez ere, nire garapena. Eta garapen horretan, bat-batean, behartutako geldialdia. Balaztada handi samarra izan da, bai. Baina gogoz nago, eta, kurtso berriarekin batera, garapen horrekin jarraitu nahi nuke. Pertsonarekin batera garatzen da bertsoa. Horrela bizi dut nik, behintzat. Ez ditut 25 urte, ezin da beti gazte izan edo beti rol beretik kantatu. Gaur egun nagoen tokitik eta dagokidan garaitik kantatu nahi dut.
2020-9-26
https://www.berria.eus/albisteak/187462/mariezkurrenak-ez-du-baikon-jarraituko.htm
Kirola
Mariezkurrenak ez du Baikon jarraituko
Enpresak pilotariaren gain utzi du erantzukizuna. Mariezkurrenak, berriz, «penagarritzat» jo du Baikoren jarrera. Enpresako pilotari gehienen taldeak babesa azaldu dio.
Mariezkurrenak ez du Baikon jarraituko. Enpresak pilotariaren gain utzi du erantzukizuna. Mariezkurrenak, berriz, «penagarritzat» jo du Baikoren jarrera. Enpresako pilotari gehienen taldeak babesa azaldu dio.
Baiko utziko duten pilotarien zerrendak izen bat gehiago du: Jon Mariezkurrena. Enpresak gaur jakinarazi zuenez, bi eskaintza egin dizkiote atzelariari kontratua berritzeko, baina ez ditu onartu. Baikoren arabera, urte hasieran aurreko kontratua «nabarmen» hobetzen zuen proposamena egin zioten, eta ez zuen onartu; ezta aste honetan egindako beste bat ere. Enpresak azaldu duenez, «pandemiak eragindako krisi ekonomiko honetan», ezin izan dituzte pilotariak eginiko eskaerak onartu, «gehiegizkoak» baitira, eta «atsekabez» hartu dute Mariezkurrenak eginiko eskariak «ezin ase ondoren», pilotariak ez jarraitzea erabaki izana. Espero dute «etorkizunean» bi aldeek «elkar ulertzeko aukera» izatea. Enpresak erabakiaren berri eman bezain laster hitz egin du BERRIAk Mariezkurrenarekin, eta pilotariak «penagarritzak» jo ditu Baikoren azalpenak. Azaldu duenez, enpresak lau proposamen egin dizkio: urte hasieran bi egin zizkion, eta bietan debuteko lehen urtean baino «diru gutxiago» eskaini zioten; hirugarren proposamena, berriz, txapelketa betean egin zioten, eta lehian buru-belarri aritzeko asmoz, «geroago» aztertzeko eskaera egin zuen. Orduan, «gertu» zeuden akordiotik; aste honetan jaso du azken proposamena, eta hura debuteko kontratua baino «pixka bat» hobea zen. «Lotsagarria da horren eskaintza baxuak egitea, esateko guk ez dugula berritu nahi izan. Nire eskaerak gehiegizkoak izan direla diote, baina eskatu dudan gauza bakarra lan baldintza duinak edukitzea izan da», adierazi du Mariezkurrenak. 21 urterekin utzi beharko du pilota profesionala. Bi urte egin ditu. Hura kontuan hartuta, sei dira Baiko utzi duten pilotariak: Iñaki Etxegoien, Iker Arretxe, Iosu Eskiroz, Victor Esteban eta Unai Laso dira beste bostak. Pilotarien babesa Hain zuzen, Aimar Olaizolak, Mikel Urrutikoetxeak eta Ander Imazek ez beste, Baikoko pilotari guztiek osatutako taldeak ere oharra atera du, eta babesa adierazi diote Mariezkurrenari. Bertan diote enpresak haien eskaeren aurrean adierazi duen «isiltasunaren aurrean, hasieratik erakutsi duen lankidetzarako eta elkarrizketarako jarrera berarekin jarraituko» dutela, eta horren erakusgarri dela hilaren 23an Baikori bidalitako burofaxa. Bertan, enpresako zuzendaritzarekin bilera bat egiteko nahia adierazi zuten. Baina azaldu dutenez, erantzuna prentsaurrekoaren ondoren jaso zuten bera izan da: «isiltasuna, beti bezala, ez entzunarena egitea». Diotenez, kolektibo gisa onartu beharrean, banakako bileretara deitu ditu enpresak, eta horietan soldata % 20 jaisteko proposamena egin diete, nahiz eta enpresak ez dien justifikatu ekonomikoki jaitsiera hori. Haien ustez, pilotari bakoitza «banaka presionatzea» eta haien «batasuna usteltzea» bilatzen dute. Amaitzeko, «bihotzez» eskertu dituzte pilotazaleen aldetik jasotako babesa. «Energia iturri handia zarete guretzat une zail hauetan. Guk gure eskubideak eta gure kirola defendatzen jarraituko dugu, esku pilota».
2020-9-26
https://www.berria.eus/albisteak/187463/ibai-beobide-euskal-presoaren-lagunek-istripua-izan-dute-puertora-bidean.htm
Politika
Ibai Beobide euskal presoaren lagunek istripua izan dute Puertora bidean
Cadizen gertatu zen istripua, atzo. Etxeraten arabera, denera 348 istripu gertatu dira «dispertsioaren eraginez».
Ibai Beobide euskal presoaren lagunek istripua izan dute Puertora bidean. Cadizen gertatu zen istripua, atzo. Etxeraten arabera, denera 348 istripu gertatu dira «dispertsioaren eraginez».
Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, Ibai Beobide preso bilbotarraren bi lagunek auto istripua izan zuten atzo arratsaldean, Puerto III espetxera —Euskal Herritik 1.050 kilometrora— bidean zihoazela. Elkarteak «dispertsioak eragindako» istripua salatu du. Istripua Cadizen gertatu da, atzetik zihoan auto batek haiena jotzean. «Talka handiaren ondorioz mina eta ondoeza jasan arren, bidaiarekin jarraitu zuten bisitara iristeko», azaldu du Etxeratek, eta gaineratu du bidaiaren azken zatia taxian egin behar izan zutela, autoak jasaniko matxuraren ondorioz. Koronabirusak eragindako osasun larrialdi egoerak bisita gutxiago egotea eragin duen arren, «urruntze politikak ezartzen duen arriskuak» mantentzen direla azaldu du Etxeratek, eta adibidetzat jarri du atzoko istripua; urteko lehena. Etxeraten arabera, ordea, azken horrekin 348 dira Espainiako eta Frantziako gobernuek martxan jarritako «sakabanaketaren» eraginez gertatutako istripuak. Horiek 944 euskal presoren senide eta lagunei eragin diete, eta orotara hamasei lagun hil dira errepideetan. «Istripu horietako bakoitzak, haien ondorioek eta kalteak, eta hauek konponezinak izateko arriskuak, urruntzeari amaiera emateko premia azpimarratzen dute», salatu dute. Hala, euskal presoen senideen bizitzak «arriskuan» ez jartzeko eskatu du elkarteak.
2020-9-26
https://www.berria.eus/albisteak/187464/positiboen-kopuruak-gora-egin-du-hegoaldean-750-kasu.htm
Gizartea
Positiboen kopuruak gora egin du Hegoaldean: 750 kasu
Bezperako datuekin alderatuta, 53 kasu gehiago atzeman dituzte.
Positiboen kopuruak gora egin du Hegoaldean: 750 kasu. Bezperako datuekin alderatuta, 53 kasu gehiago atzeman dituzte.
Hego Euskal Herrian gora egin du positiboen kopuruak: 750 kasu atzeman dira, bezperan baino 53 gehiago. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 398 positibo antzeman dituzte azken orduetan, bezperan baino hamabost gehiago, Eusko Jaurlaritzak eman berri dituen datuen arabera. Positiboen kopuruak apur bat gora egin arren, nahiko egonkor jarraitzen du, beraz; hala ere, egindako PCR probak gutxiago izan dira. Hain zuzen ere, azken orduetan 8.649 PCR proba egin dira hiru lurraldeetan, bezperan baino 469 gutxiago. Egindako PCR probetatik %4,6 izan dira positibo. Lurraldeka aztertuta, Bizkaian izan da positibo gehien: 185. Aurreko egunarekin alderatuta baino 26 lagun gehiagok eman dute positibo lurralde horretan. Gipuzkoan, berriz, behera egin dute kutsatu kopuruak: 115 lagunek eman dute positibo PCR probetan, bezperan baino 26 gutxiagok. Araban gora egin dute kutsatu kopuruek: 96 positibo atzeman dituzte, bezperan baino 26 gehiago. Ospitaleratzeei dagokienez, atzo 27 lagun sartu zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan, eta Jaurlaritzak emandako datuen arabera, gaur egun 49 lagun daude ZIU Zaintza Intentsiboetako Unitateetan. Nafarroan, berriz, 352 kasu berri atzeman dituzte azken orduetan, bezperan baino 38 gehiago. Nafarroako Gobernuak zehaztu duenez, 3.610 PCR proba egin zituzten atzo, eta horien guztien %9,75k eman dute positibo. Nafarroan, 218 paziente artatzen ari dira erietxeetan koronabirusagatik (atzo baino bost gutxiago) eta horietako 26 ZIUn daude.
2020-9-26
https://www.berria.eus/albisteak/187465/ikastolek-baliabideak-eskatu-dituzte-pandemiaren-ikasturteari-heldu-ahal-izateko.htm
Gizartea
Ikastolek baliabideak eskatu dituzte pandemiaren ikasturteari heldu ahal izateko
Ikastolen ikasturte hasiera ekitaldia egin dute Agurainen (Araba). Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak eskua luzatu die akordioak lortzeko.
Ikastolek baliabideak eskatu dituzte pandemiaren ikasturteari heldu ahal izateko. Ikastolen ikasturte hasiera ekitaldia egin dute Agurainen (Araba). Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak eskua luzatu die akordioak lortzeko.
Ikastolen Elkarteak antolatuta, ikasturte berriaren hasiera ekitaldia egin dute gaur goizean Agurainen (Araba), Etorkizunerantz, hezkuntza eraldatzen leloa hartuta. Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak bertan adierazi du pandemiaren ikasturteari aurre egin ahal izateko ikastolek «baliabideak eta baldintzak» behar dituztela. «Aurtengo lehentasuna egoera honi erantzun duina ematea da, ahalik eta erantzun onena ematea», azaldu du. Egungo egoerak hezkuntza sistemaren inguruko gogoeta egiteko ere baliatu behar dela erantsi du Tellituk: «Honek guztiak hezkuntza sistema osotasunean zalantzan jartzeko ere balio behar digu. Ez da nahikoa akordio bat. Errotik aldatu behar da hezkuntza sistema». Aldaketarik ezean, hezkuntza sistemak «porrot» egingo duela ohartarazi du Ikastolen Elkarteko lehendakariak. Eta, ildo horretan, hezkuntza sistema osorako lege bat aldarrikatu du. Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, berriz, «elkarrizketa eta negoziazio» eskaini ditu akordioak lortzeko, eta esan bere helburua «herri proiektu bat sendotzea» izango dela. Bestalde, gaurko ekitaldian pandemiagatik ospatu ezin izan diren ikastolen jaiak omendu dituzte. «Egindako auzolan eta elkarlan erraldoiek aitortza merezi dute», azpimarratu dute.
2020-9-26
https://www.berria.eus/albisteak/187466/bertan-behera-gelditu-dira-atlantikaldiaren-gaur-gaueko-kontzertuak.htm
Kultura
Bertan behera gelditu dira Atlantikaldiaren gaur gaueko kontzertuak
Gabacho Maroc eta Ainara Ortega nahiz Che Sudaka eta Huntza ziren gaur gauean jotzekoak Errenteriako (Gipuzkoa) jaialdian, baina eguraldi iragarpenek emanaldiak bertan behera uztera eraman dituzte antolatzaileak.
Bertan behera gelditu dira Atlantikaldiaren gaur gaueko kontzertuak. Gabacho Maroc eta Ainara Ortega nahiz Che Sudaka eta Huntza ziren gaur gauean jotzekoak Errenteriako (Gipuzkoa) jaialdian, baina eguraldi iragarpenek emanaldiak bertan behera uztera eraman dituzte antolatzaileak.
Okerrera egin du eguraldi iragarpenak eta atzo gertatu bezala, Atlantikaldia jaialdiko antolakuntzak gaur iluntzean egitekoak ziren kontzertuak ere bertan behera uztea erabaki du. Eguerdirako iragarrita zegoen emanaldia, aldiz, aurrera atera ahal izan dute. Kontzertu horretan Padro Pastorrek eta Izarok hartu dute parte. Haur gauean ez da emanaldirik izango, baina, hala ere, «inplikatutako talde, teknikari eta lantaldearen ahalegin bereziari esker», Gabacho Maroc eta Ainara Ortegaren kontzertua bihar eskaini ahal izango dute 12:00etan. Antolakuntza taldeak jakinarazi du ikusleen segurtasuna lehenetsita hartutako erabakiak direla guztiak.
2020-9-26
https://www.berria.eus/albisteak/187467/goran-paskaljevic-zinema-zuzendari-serbiarra-hil-da.htm
Kultura
Goran Paskaljevic zinema zuzendari serbiarra hil da
Zinemagilea Parisen hil zen atzo, 73 urte zituela.
Goran Paskaljevic zinema zuzendari serbiarra hil da. Zinemagilea Parisen hil zen atzo, 73 urte zituela.
Jugoslavia ohian 1970eko hamarkadan loratu zen zinemagile olde berriaren ordezkari ezagunenetako bat izan zen Goran Paskaljevic (Belgrad, 1947-Paris, 2020). Pragako Zinema Eskolan egin zituen ikasketak, eta 1960ko hamarkadaren amaieran estreinatu zen Pan Hrstka dokumentalarekin. Lan hark, baina, lehenengo arazoak eman zizkion, Txekoslovakiako gobernu komunistak debekatu egin baitzuen. 70eko hamarkadaren erdialdera arte film laburren eta dokumentalen esparruan aritu zen, eta Cuvar plaze u zimskom periodu (1976) tragikomedia izan zen filmatu zuen fikziozko lehen lan luzea. Gero iritsiko ziren Pas koji je voleo vozove (1977), Poseban tretman (1980), Varljivo leto '68 (1984), Someone Else's America (1995) eta San zimske noci (2005), besteak beste. Vreme cuda (1990) filmarekin zuzendari onenaren saria eskuratu zuen Cannesen, eta 2010ean epaimahai ofizialeko burua izan zen Donostiako Zinemaldian.
2020-9-26
https://www.berria.eus/albisteak/187468/itxura-ona-eta-puntu-bat.htm
Kirola
Itxura ona eta puntu bat
Alavesek hutsean berdindu du Getaferen kontra, Mendizorrotzan. Aurreko lehietan baino sendoago aritu da, eta erasoan arrisku dezente sortu du. Ate aurrean asmatzea falta izan zaio, ordea
Itxura ona eta puntu bat. Alavesek hutsean berdindu du Getaferen kontra, Mendizorrotzan. Aurreko lehietan baino sendoago aritu da, eta erasoan arrisku dezente sortu du. Ate aurrean asmatzea falta izan zaio, ordea
Hobera egiten jarraitzen du Alavesek. Geroz eta lehiakorrago dabil, eta gaur sasoiko lehen puntua poltsikoratu du Getaferen aurka. Irabaztea merezi zuen akaso, baina bederen, bukaera eman dio puntu eskasiari; nola, eta atea hutsean utzita. Defentsako pitzadurek kezkatuta zuten Arabako taldea, baina sendo aritu da gaur, eta Pachecok ez du sareetatik baloirik atera behar izan. Erasoan ere txukun ibili da, joko zuzenaren bidez Getafe sufriarazita. Garrantzitsuena falta izan zaio, ordea: ate aurrean asmatzea. Eta golik gabe, ez dago garaipenik. Bi taldeek esperotako gidoia apurtu dute lehen zatian. Izan ere, erasora jo dute hasieratik, eta gol aukera dezente sortu dituzte. Garbiena Alavesek izan du, Deyversonen oinetan. Brasildarra bakarrik gelditu da atezainaren aurrean, baina gehiegi loratu du baloia. Aurrelaria amesgaizto bihurtu da Getaferen atzelarientzat. Espainiako taldea deseroso egon da. Lanak izan ditu atzean, eta aurrera egiten saiatzean, arabarren presio estuarekin egin du topo. Hori bai, Cuchok baliorik gabe gelditu den gol bat egin du, eta Matak eta Cucurellak geldiketa onak egitera behartu dute Pacheco. Itxiagoa izan da bigarren zatia, hasiera batean espero zenaren antzekoagoa. Getafek hobe egin dio kontra Alavesen joko zuzenari, eta horrenbestez, area zapaltzeko arazo gehiago izan dituzte etxekoek. Horrek adoretu egin du Bordalasen taldea, eta garaipena bilatu du Cucurellak, Nyomek eta Unalek egindako ahaleginekin. Alavesek tinko eutsi du, ordea, eta erasokor agertu da amaieran. Hegaletan Javi Lopez eta Borja Sainz sartu ditu Machinek, eta gazteen grinak kutsatu egin du taldea. Erdiraketa ugari jarri ditu arean, baina errematean ez du inork asmatu. Horrenbestez, 0-0 Mendizorrotzan.
2020-9-26
https://www.berria.eus/albisteak/187469/plan-estrategiko-bat-eskatu-dute-aeronautikarentzat.htm
Ekonomia
Plan estrategiko bat eskatu dute aeronautikarentzat
Sektoreko langileek manifestazioa egin dute Gasteizen. Sindikatuek uste dute kaleratzeak beharrean, «behin behineko neurriak» har daitezkeela
Plan estrategiko bat eskatu dute aeronautikarentzat. Sektoreko langileek manifestazioa egin dute Gasteizen. Sindikatuek uste dute kaleratzeak beharrean, «behin behineko neurriak» har daitezkeela
Erakundeen inplikazioa galdegin dute aeronautikako langileek, sektoreak bizi duen krisiari aurre egiteko. Euskal Herrian, Araban biltzen dira langile gehienak eta, hain justu, hiriburuan mobilizatu dira larunbat honetan. Manifestazioaren deitzaileek gogoratu dute administrazioek inbertsio handiak egin dituztela sektorea lurraldean errotu zedin eta hori dela-eta «estrategikoa» bihurtu dela -1.400 langile eta beste 8.000 zeharkako-. Gaineratu dute beharginek «kualifikazio maila altua» lortu dutela eta hori ezin dela galtzen utzi. Sektoreak etorkizuna baduela iritzita, instuzioei eskatu diete «benetako» plan industrial bat lantzeko aeronautikarentzat, pandemiaren osteko egoerara egokitu dadin. ELA, LAB, CGT eta UGT sindikatuek deitu zuten mobilizaziora, eta Aernnova, Alestis, Fibertecnic, Burulan, Gmpasa, Metraltex eta Feliu Madinabeitia enpresetako langileek babestu dute. Asteon eginiko bigarren mobilizazio bateratua izan da. Asteartean, sektoreko beharginek lanuzteak egin zituzten, eta Bilbon bildu ziren, manifestazio batean. Irudi hori errepikatu da Gasteizen. Martxaren amaieran irakurritako agirian, sindikatuek gogoratu dute sektoreko enpresek urteetan zehar euskal erakundeen «laguntza asko» jaso dituztela eta, aldiz, instituzioek «ezer ez» dutela egin zuzendaritzek «lantaldeak murriztu dituztenean, lan kargak penintsularen erdialdera eta hegoaldera eraman dituztenean, eta ekoizpenaren zati handi bat beste herrialde batzuetan deslokalizatu dutenean». «Zer gehiago gertatu behar da erakundeak inplikatu daitezen?», galdetu du martxaren amaieran Cesar Gomezek, Alestiseko enpresa batzordeko buruak. Laino beltzak COVID-19aren krisiak gehien kolpatu duen sektoreetako bat da aeronautika, eta enpresa gehienek kaleratzeak iragarri dituzte. Pandemiaren aurretik hasi zen atzeraldia, eta hori areagotu egin da orain. Enpresak krisiaren aurreko emaitzetatik oso urrun daude: %30-50ean. Beharginek kezkaz ikusten dute euren etorkizuna, eta Euskal Herrian ez daude laino beltzetatik salbu. Zuzendaritzek uda honetan jakinarazitako neurriek agerian uzten dute kolpearen tamaina. 1.000tik gora lanpostu galduko dira. Aernnovak 450 behargin ditu Arabako Berantevillako plantan, eta enpresak %20 inguru kaleratuko ditu. Aciturrik, berriz, 214 lanpostu kenduko ditu bere lau fabriketan —Berantevillan du horietako bat-, eta beste 87 Alestisek, Gasteizko Miñaoko Parkeko lantegiko lantaldearen erdia inguru. Bizkaian, ITPk 194 behargin kaleratuko ditu Zamudioko fabrikatik, eta Lapurdiko Lauak taldeak beste 156 –lantaldearen herena-. Sindikatuek nabarmendu dute enpresek kaleratzeak ez diren beste neurri batzuk har ditzaketela - «behin behinekoak»: hala nola, lanaldi murrizketak, baimenak eta halakoak-, baina ez dutela nahi salatu dute. «Egoera hau aprobetxatzen ari dira lanpostuak eta lan baldintzak suntsitzeko». Enpresaburuen elkarteek eta Eusko Jaurlaritzako sailburu batzuek asteotan defendatzen ari diren soldata jaitsierak ere baztertu dituzte. «Horrek ez du sakonean dagoen arazoa konponduko», azaldu du Alestiseko Cesar Gomezek.
2020-9-26
https://www.berria.eus/albisteak/187470/urrizak-zazpigarrenez-irabazi-du-buruz-buruko-txapela.htm
Kirola
Urrizak zazpigarrenez irabazi du buruz buruko txapela
Endikak partida handia egin du, eta oso estu hartu du txapelduna, baina hustuta iritsi da azken txanpara
Urrizak zazpigarrenez irabazi du buruz buruko txapela. Endikak partida handia egin du, eta oso estu hartu du txapelduna, baina hustuta iritsi da azken txanpara
Hark aitortu du. Jokatzen jarraitu edo utzi zalantza izan zuen Javier Urrizak COVID-19aren pandemiak eragindako etenaldi luzean. Adinak eragiten zion duda gehien: 38 urte izanik —39 beteko ditu azaroan—, ez zuen argi ikusten ea gai izango zen bere onena emateko horrenbeste denbora jokatu gabe egon ondoren. Indartsu ikusten zituen erremontista gazteak, eta ez zegoen seguru haiekin nor baino nor gehiago aritu ahal izango zuen. Baina asko pentsatu ostean, baiezkoa eman zion Oriamendi 2010 enpresak egindako eskaintzari, eta beste urtebeterako sinatu zuen. Maiatz amaiera zen. Hilabete bat pasatuta, berriz ere ari zen jokatzen. Hiru hilabete eskas joan dira ordutik, eta agerian geratu da Urriza goitik behera okertuko zela jokatzeari utzi izan balio. Gailurrean dago oraindik. Bi txapelketa jokatu dituzte lehiari berriz ere ekin zitzaionetik, eta bietan nagusitu da aurrelari iruindarra: uztailean, Galarretaren 50. urteurrenaren txapela jantzi zuen Aritz Zubirirekin; gaur, berriz, txapelik handiena jarri du buruan, Kutxabank Banakako Txapelketarena. 30-27 irabazi dio Endika Urrutiari final ederrean, Galarreta frontoian. Zazpigarren txapela du buruz burukoan, zazpigarrena azken bederatzi urteetan. Oso urruti du oraindik Koteto Ezkurraren marka —11 txapel ditu irabaziak banakakoan—, baina itzela da egiten ari dena. Haren izena letra larriz azalduko da erremontearen liburuetan. Faboritoa zen, faboritoa, final-laurdenetako ligaxkan oso erraz irabazi baitzion Endikari: 30-19; eta faboritoa zen ere final batean garrantzi handia baitu eskarmentuak. Bederatzigarren finala zuen Urrizak, bederatzigarrena segidan. Endikak, ordea, lehena zuen. Baina tentsioak inori eragin badio, Urrizari izan da. «Izugarri sufritu dut. Deseroso aritu naiz, tentsioa gainetik kendu ezinda. Baina borrokatzen jarraitu dut, eta horri esker irabazi dut. Oso pozik nago», aitortu du partida amaieran. Endikak ezin hobeto aprobetxatu ditu aurkariaren nerbioak eta zalantzak, eta gertu izan du ezustekoa ematea. Partida handia egin du txapeldunordeak: bikain hasi da (0-5 eta 6-11), eta gai izan da Urrizaren susperraldiari eusteko, baita 27-22koarekin lehia amaituta zegoela zirudienean indarrak atera, 27na berdindu eta Urrizari beldurra barruraino sartzeko ere. Baina azkeneko ahalegin horrek hustuta utzi du, eta Urrizak ez du barkatu. Hala ere, "oso gustura" amaitu du finala. «Oso pozik nago neure buruarekin. Inoiz baino lan gehiago eman diot Urrizari. Baina azken txanpan, nekea sumatu dut".
2020-9-26
https://www.berria.eus/albisteak/187471/loiuko-enpresa-bateko-langile-bat-hil-da-kantabrian.htm
Ekonomia
Loiuko enpresa bateko langile bat hil da Kantabrian
Ostiral arratsaldean zauritu zen, leherketa batean, eta gauean hil zen Gurutzetako ospitalean. Aurten lan istripuan zendutako 48. behargina da.
Loiuko enpresa bateko langile bat hil da Kantabrian. Ostiral arratsaldean zauritu zen, leherketa batean, eta gauean hil zen Gurutzetako ospitalean. Aurten lan istripuan zendutako 48. behargina da.
Bizkaian bizi zen 34 urteko langile bat hil da, ostiralean Ontonen (Kantabria, Espainia) izan zuen lan istripu baten ondorioz. Gurutzetako Ospitalean zendu zen, gauean. CCOO sindikatuak jakinarazi duenez, Loiun (Bizkaia) egoitza duen Sisteinge enpresan lan egiten zuen, eta azpikontratuta zegoen Ontongo Derivados de Fluor lantegian. Istripua ostiral arratsaldeko lehen orduan gertatu zen. Leherketa baten ondorioz langileak erredurak izan zituen gorputzean, eta Bizkaiko ospitalera eraman zuten. Sindikatuen zenbaketaren arabera, aurten Euskal Herrian lanean hildako 48. langilea da. Horri gehitu behar zaio Zaldibarko zabortegian harrapatuta geratzen dena, Joaquin Beltran. Lankideek mobilizazio bat antolatu dute astelehen honetarako Ontonen, enpresaren aurrean, eta hildakoaren familiari lanaldi bateko soldata ematea erabaki dute. CCOOk ere elkarretaratzea egingo du astelehenean, 11:30ean, Sondikako tren geltokiaren parean. Azpikontratutako langileek bizi duten «prekarietate eta babesgabetasun egoera» salatu du sindikatuak, eta eskatu du gertatutakoaren inguruko ikerketa «zorrotz» bat abiatzeko.
2020-9-26
https://www.berria.eus/albisteak/187472/ahtren-aurkako-mobilizazioekin-jarraitzera-deitu-du-mugitu-mugimenduak.htm
Gizartea
AHTren aurkako mobilizazioekin jarraitzera deitu du Mugitu mugimenduak
Azken asteetan taldeko zortzi kideren aurka egin diren atxiloketek «garai zaharrak» gogorarazten dizkiela salatu dute, baina errepresioak ez dituela beldurtuko gaineratu dute
AHTren aurkako mobilizazioekin jarraitzera deitu du Mugitu mugimenduak. Azken asteetan taldeko zortzi kideren aurka egin diren atxiloketek «garai zaharrak» gogorarazten dizkiela salatu dute, baina errepresioak ez dituela beldurtuko gaineratu dute
Iragan abuztuan, Mugitu mugimenduko kideek AHTren obrak geldiarazteko ekintza bat egin zuten Martzillan, egun batzuk lehenago Airef erakundeak azpiegitura horri buruzko kritika oinarri hartuta. Duela bi aste, berriz, Espainiako Poliziak mugimenduko zortzi kide atxilotu zituen, baita ekintza haren berri eman zuten bi kazetari ikertu ere. Operazio hori gaitzesteko asmoz, gaur prentsaurrekoa eman dute Mugitu mugimenduko kideek, Sarasate pasealekuan, PSNren egoitza aurrean. Nabarmendu dute atxilotuek akusazio larriei aurre egingo dietela, funtzio publikoa usurpatzea, dokumentuak faltsutzea eta derrigortzea leporatzen dietelako. «Dirudienez, gobernu honi ez zitzaion gustatu AHTaren Nafarroako korridorearen azpizati bat modu publikoan geldiaraztea, nahiz eta beraiek isil-isilik beste bi azpizati geldiaraztea erabaki duten», aipatu dute. Halaber, irailaren 13an Mugituko hainbat kidek Espainiako Gobernu ordezkaritzara igo eta lepotik kateatu ziren. Ekintza harekin, Nafarroako korridoreko eta euskal Y-eko azpisail guztiak geldiaraztea aldarrikatu zuten. Ekintza haren aurka egin zuten ere. Mugituk salatu du atxiloketak «epailaren agindu gabe» etorri zirela, AHTren aurkako mugimendua beldurtzeko helburu argiarekin. «Desmobilizatu eta kriminalizatu besterik ez du egin nahi, gatazka sozial handiak sortzen ari diren garai hauetan» Mugitu mugimenduari adierazgarria iruditzen zaio egun AHTk «unerik ahulena» bizi duen testuinguruan etorri direla atxiloketok. Gogora ekarri dute Nafarroako korridorean bi azpitarte geldiarazi behar izan dituztela, eta erakundeetan bertan gero eta ohikoago dela ahots kritikoak entzutea. Adierazgarriena Airef erakundeak abuztuan argitara emandako txostena da. edo Europako Kontu Auzitegiak 2018an egindakoa. Biek ere inbertsioaren eraginkortasuna jarri dute zalantzan. Horregatik guztiagatik Mugitu mugimenduak dei egin die herritarrei mobilizazioarekin jarraitzera. Euren ustez, desobedientziaren bidetik jarraitu behar da «inoiz baino gehiago», trena «Euskal Herriaren historiako azpiegiturarik xahutzaileen, suntsitzaileena eta antisozialena» baita eta egungo krisi ekologikoa eta ekonomikoa gehiago sakonduko baitu.
2020-9-26
https://www.berria.eus/albisteak/187473/baionako-auzapeza-mehatxatu-dute.htm
Politika
Baionako auzapeza mehatxatu dute
Hiltzeko mehatxuak egin dizkiote telefonoz, Jean Rene Etxegarairi. Salaketa jarri du berehala.
Baionako auzapeza mehatxatu dute. Hiltzeko mehatxuak egin dizkiote telefonoz, Jean Rene Etxegarairi. Salaketa jarri du berehala.
Sud Ouest egunkariak eman du albistearen berri: Jean Rene Etxegarai Baionako auzapezari mehatxuak egin dizkiote, telefonoz. Baionako Herriko Etxeko idazkariak jaso du deia, eta «Auzapeza Baiona txikira ez hurbiltzeko, bestela tiro bat» jasoko zuela esan dio. Mehatxuak egin dituen pertsonak etxegabeen kontrako neurriak hartu izana leporatu dio auzapezari. Etxegaraik berehala jarri du salaketa, hiltzeko mehatxuengatik. «Auzapeza naizenetik lehen aldia da halako mehatxuak jasotzen ditudala», esan du. Bestalde, iragan ostegunean herritarrek egin zuten protestaren ondotik, herriko etxeko paretetan agertu diren pintaketak gaitzetsi ditu.
2020-9-26
https://www.berria.eus/albisteak/187474/dasatskisi-beginning-filmak-irabazi-ditu-sari-nagusiak.htm
Kultura
'Dasatskisi' / 'Beginning' filmak irabazi ditu sari nagusiak
Film onenarentzako Urrezko Maskorraz gain, zuzendari eta emakumezko aktore onenarentzako Zilarrezko Maskorrak eskuratu ditu Dea Kulumbegaxvilik zuzendutako lanak, eta baita gidoi onenarentzako saria ere.
'Dasatskisi' / 'Beginning' filmak irabazi ditu sari nagusiak. Film onenarentzako Urrezko Maskorraz gain, zuzendari eta emakumezko aktore onenarentzako Zilarrezko Maskorrak eskuratu ditu Dea Kulumbegaxvilik zuzendutako lanak, eta baita gidoi onenarentzako saria ere.
Urakan bat bezala sartu zen Dasatskisi / Beginning ekoizpen georgiarra Donostiako 68. Zinemaldiko Sail Ofizialeko lehiaketan, eta aurretik zuen guztia eramanda atera da bertatik. Dea Kulumbegaxvilik zuzendutako lanak irabazi du film onenari dagokion Urrezko Maskorra, eta baita zuzendari onenarentzako Zilarrezko Maskorra ere. Gutxitan gertatzen den garaipen bikoitza da Dasatskisi / Beginning-ek lortutakoa; azkeneko aldiz Carlos Vermuten Magical Girl-ek eskuratu zituen Zinemaldiko bi sari nagusiak, 2014an. Baina, horietaz gain, emakumezko aktore onenaren saria ere beretzat izan da (Ia Sukhitaxvili), eta Luca Guadagninok gidatutako epaimahaiak gidoi onenarena ere eman dio. Beraz, lau sari eskuratu ditu film georgiarrak. Kulumbegaxviliren filma Jehovaren lekukoen komunitate batean dago kokatua, Georgiako herri batean, eta komunitate horren buruaren emaztearen inguruan eratu du zuzendariak pelikula. Isiltasunez eta plano sekuentzia finkoz beteriko filma da, eta asteazkenean aurrenekoz eman zutenean, iritzi kontrajarriak eragin zituen kritikaren artean. Izan ziren maisulantzat jo zutenak, eta baita zinemaldiko kinieletan puntuaziorik apalena eman ziotenak ere. Gizonezko aktore onenaren saria, berriz, Thomas Vinterbergen Druk filmeko aktore taldearentzat izan da (Mads Mikkelsen, Thomas Bo Larsen, Lars Ranthe eta Magnus Millang), eta Epaimahaiaren Sari Berezia, berriz, Julien Templek zuzendutako Crock of Gold: a Few Rounds with Shane MacGowan dokumentalarentzat. Azkenik, epaimahaiak Yuta Tsukinaga saritu du Nakuko wa ineega / Any Crybabies Around filmeko argazkiagatik.
2020-9-27
https://www.berria.eus/albisteak/187511/iurretan-emakume-bat-hil-da-auto-batek-harrapatuta.htm
Gizartea
Iurretan emakume bat hil da auto batek harrapatuta
74 urte zituen hildakoak. Ezbeharra 20:40 aldera gertatu zen, atzo.
Iurretan emakume bat hil da auto batek harrapatuta. 74 urte zituen hildakoak. Ezbeharra 20:40 aldera gertatu zen, atzo.
74 urteko emakume bat hil da auto batek harrapatu ostean, Iurreta eta Durango (Bizkaia) arteko errepidean. Ezbeharra 20:40 aldera gertatu zen, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren esanetan. Anbulantzia bat, Ertzaintza eta Udaltzaingoa joan dira, baina ezin izan dute ezer egin emakumearen bizia salbatzeko. Ertzainta zer gertatu den ikertzen ari da.
2020-9-27
https://www.berria.eus/albisteak/187512/txiki-eta-otaegi-gogoratu-dituzte-fusilamenduen-45-urteurrenean.htm
Politika
Txiki eta Otaegi gogoratu dituzte, fusilamenduen 45. urteurrenean
1975eko irailaren 27an fusilatu zituzten Txiki, Otaegi eta FRAPeko hiru kide, Bartzelonan.
Txiki eta Otaegi gogoratu dituzte, fusilamenduen 45. urteurrenean. 1975eko irailaren 27an fusilatu zituzten Txiki, Otaegi eta FRAPeko hiru kide, Bartzelonan.
«Beste behin, 1970ean bezala, Euskal Herriaren eta munduko herri guztien borroka lehen lerroan dago». Juan Paredes Txiki-k hil aurretik idatzitako azken gutunaren zati dira hitz horiek. Izan ere, gaurko egunez, baina 1975ean, diktadura frankistak Txiki eta Angel Otaegi ETAko militanteak eta FRAPeko hiru kide hil zituen. Frankismo garaiko azken fusilatuak izan ziren. 45. urteurrenean, bost kideak oroitzeko hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Azken egunak Bartzelonako Modelo espetxean igaro zituen Txiki-k, eta han idatzi zuen bere azken gutuna. Hartan jaurtitako mezua gogoratu du La Directa-k, bideo baten bidez. Hari ahotsa jarri diote Bartzelonan egingo dioten omenaldian parte hartuko duten hainbat lagunek. Tartean dira, besteak beste, David Fernandez kazetaria, Magda Oranich Txiki-ren abokatua izan zena, Gorka Knorr abeslaria, Joan Tarda ERCko diputatu ohia, Mertxe Aizpurua EH Bilduko diputatua eta Diego Paredes Txiki-ren anaia. Mezua, gainera, ETAko kideak bere azken egunak pasatu zituen espetxeko galeria berean grabatu dute. Sortuk ere ohar bat argitaratu du Txiki eta Otaegiren hilketaren urteurrena dela eta. «Areagotzen ari zen subordinazioaren kontra matxinatu ziren gazte ero batzuk, eta hamaika esparrutan hartu zuen indarra euskal matxinadaren suak», azaldu du alderdiak. Horren aurrean Espainiako eta Frantziako estatuek erabilitako «errepresioa» salatu du, besteak beste, «tortura eta estatu terrorismoa» erabili izana. Hala, «beste mundu baten eraikuntza» galarazi nahi dutenei aurre egin beharra azpimarratu dute, aurreko belaunaldiek egin bezala: «Biziraupenaren erronkaz arduratu zirelako dugu gure aurrean bizitza duinaren lehia. Omenaldirik onena, askapenaren bidetik urrats berriak ematea!». Frankismoaren azken hatsa Frankismoko azken heriotza epaiak idazterako, bost urte igaro ziren Burgosko prozesuan ETAko bederatzi kide indultatu zituztenetik. Kaleetako protestek eta nazioarteko presioak erregimenaren ahuldadea agerian utzi zuten. ETAk bonba auto batekin hil zuen Luis Carrero Blanco 1973an, eta Carlos Arias Navarrok hartu zuen haren lekua estatuko presidentetzan. Franco azkenetan zen, eta indarra erakutsi nahi zuen frankismoak. Horren lekuko da, besteak beste, Salvador Puig Antich anarkistaren exekuzioa 1974an. Gauzak hala, eta protesta artean, «terrorismo delituak» leporatuta, justizia frankistak heriotza zigorrera kondenatu zituen Txiki, Otaegi eta FRAPeko kideak, prozesu sumarisimoen bidez. 1975eko irailaren 27an fusilatu zituzten. Bi hilabete geroago hil zen Franco.
2020-9-27
https://www.berria.eus/albisteak/187513/aske-utzi-dute-rufino-arriaga-euskal-presoa.htm
Politika
Aske utzi dute Rufino Arriaga euskal presoa
23 urte igaro ditu espetxean. Lehenik, Frantzian, eta 2003tik, Espainian. Horrez gain, Puertora bidean zihoan euskal presoen senideen furgoneta batek istripu bat izan du. Asteburuko bigarrena da.
Aske utzi dute Rufino Arriaga euskal presoa. 23 urte igaro ditu espetxean. Lehenik, Frantzian, eta 2003tik, Espainian. Horrez gain, Puertora bidean zihoan euskal presoen senideen furgoneta batek istripu bat izan du. Asteburuko bigarrena da.
Aske geratu da Rufino Arriaga Arruabarrena euskal presoa, 23 urteko espetxe zigorra bete ostean. Sevilla III espetxetik (Andaluzia, Espainia) atera da. Arraiga 1997an atxilotu zuten Orleansen (Frantzia), eta 2003an Espainiaratu zuten. Aurrez, Espainiako Konstituzio Auzitegiko epaile Francisco Tomas y Valienteren hilketagatik eskatu zuten hura Espainiaratzeko, baina Frantziak uko egin zion. Haren aurkako epaiketa 2007an egin zuten, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Epaileek 20 urteko espetxe zigorra ezarri zioten, ETAko kide izatea leporatuta. Bakartuta pasatu ditu espetxe urteak. Izan ere, hainbat lekualdatze eskaera egin zituen arren, denak ukatu zizkioten. Beste istripu bat Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, Mirentxin gidari boluntarioen furgoneta batek auto istripua izan du, Puerto de Santamariako espetxera (Andaluzia, Espainia) zihoazela. Ezbeharra, asteburuko bigarrena, larunbat goizean gertatu zen. «Basurde txiki bat errepidera atera zen, eta furgonetaren aurreko partearen aurka jo», azaldu du Etxeratek. Bidaiariek aurrera jarraitu zuten, eta ez zuten bisitak egiteko aukera galdu. Atzokoarekin, 349 dira euskal presoen senide eta lagunek espetxeetara bidean izan dituzten ezbeharrak. Horietan, hamasei lagun hil dira: «Jasanezina da, aski da! Salbuespen egoera hau amaitu behar dugu!», salatu du elkarteak.
2020-9-27
https://www.berria.eus/albisteak/187514/harraparia-harrapatzeko-prest.htm
Gizartea
Harraparia harrapatzeko prest
Erlauntzetara erle bila joaten diren liztor asiarrak harrapatzeko gailu bat asmatu du Fernando Arango erlezainak. Erlauntzaren sarreran jartzen duen kutxa bat da
Harraparia harrapatzeko prest. Erlauntzetara erle bila joaten diren liztor asiarrak harrapatzeko gailu bat asmatu du Fernando Arango erlezainak. Erlauntzaren sarreran jartzen duen kutxa bat da
Liztorrak harrapatzeko botila batzuk ipini nituen, ziri batekin. Eta haiei begira nengoela bururatu zitzaidan. Azkeneko Gabonetan izan zen. Gero zirriborro batzuk egin nituen, eta hala sortu nuen». Liztor asiarrentzako harrapagailu berri bat asmatu du Fernando Arangok. Sortzez Asturiaskoa (Espainia) den arren, Bilboko Zorrotza auzoan bizi da, eta Basaurin ditu erlauntzak. «Nik siderurgian egiten dut lan. Erlezaintza zaletasuna baino ez da niretzat. Ni bezalakoei ez zaigu errentagarri egiten merkatuan dauden sistemak erostea. Edonork etxean egiteko moduko hau asmatu dut». Bizkaiko Erlezainen Elkartera jo zuen beste kideei bere asmakuntzaren berri emateko. Batzuek ez dute oso argi ikusi, baina beste batzuei gustatu zitzaien, eta publiko egitera animatu dute. «Nik ez dut uste honek liztorra desagerraraziko duenik, baina lortzen dut kasta ahultzea», ohartarazi du. Erlauntz guztietan ditu ipiniak, eta joaten denero liztor mordoa harrapatu duela ikusten du. Dagoeneko, 19.000tik gora zenbatu ditu; eta zenbatu ez dituenak gehiago dira. «Arrakastatsua da, oso eraginkorra. Erlauntzak ditudan inguruan, azken egunetan oso liztor gutxi dabil; populazioa urritu diet». Orain Bizkaiko beste toki batzuetatik etorriko zaizkion beldur da. Horregatik uste du herrialde osoan horrelako gailuak jartzea izango litzatekeela eraginkorrena. Erlauntzari kutxa moduko bat ipintzen dio, sarrera estaliz. Kutxaren sarrera alanbrezko saretaz eginda dago. Zulotxoak erleak sartu eta irteteko bestekoak dira, sei milimetrokoak, baina liztor asiarra ez da kabitzen haietan. Saretaren beheko partean, tolestura bat egin dio Arangok, liztorrak handik sar daitezen erleen atzetik. Izan ere, liztor asiarrek erleak hiltzen eta jaten dituzte, eta hori da erlezainek intsektu inbaditzaile honekin duten arazo nagusia. «Ez dugu ezer behar liztorrak erakartzeko. Beste gailu batzuek likidoren bat edo bestelako moduren bat erabiltzen dute. Kasu honetan, erleen euren atzetik etortzen dira». Saretaren beheko tolestura hori zortzi zentimetro da luze. Behin handik barrura igarota, liztorrak ez daki atzera egin eta irteten. «Erleen bila doa, eta gorantz egiten du hegan, argitarantz. Baina sareta barruan dago, harrapatuta, saretaren eta erlauntzaren artean. Irteera bakarra du: kutxaren albo batean ipini diodan botilarakoa». Botila plastikozkoa da, gardena, eta barruan ura eta xaboia jarri ditu Arangok. Xaboiari esker, liztorrek laprast egiten dute gorantz igo nahi dutenean, eta uretan itota hiltzen dira. «Garagardoa ere probatu izan dut, eta erakartzen ditu, bai. Baina ura eta xaboia soilik erabilita ere berdin balio du. Ura eta xaboia dira ezinbestekoak: hori argi dut». Nahi duenak egiteko Sareta bera harrapagailua egiteko barik babeserako erabili izan dela azaldu du Arangok. «Merkatuan eros daitezke. Liztorrak barrura sartzea eragozteko balio dute. 'Ez zaizkizu sartuko, eta ez dizkizute erleak jango', esaten dute. Eta ondo dago. Baina nire harrapagailu honek babestu egiten du, bai, zulotxoetatik ezin direlako liztorrak sartu, soilik beheko tolesgunetik. Baina, aldi berean, harrapatu egiten ditu, eta hil». Tolesgune horretan, ohola luzeagoa da, liztorrak hegan datozenean bertan gelditzeko; nolabait tolesgunetik sartzeko gonbidapena da oholeko atsedenleku hori. Harrapagailua egitea oso merkea dela azpimarratu du. «Sareta eta kutxa osatzeko kabilak baino ez ditut erosi. Oholak lantokian hartu nituen, botatzeko zeuden batzuk. Edonork egin dezake, erraz eta merke». Ez du asmakizuna patentatzeko asmorik. Eta ez luke nahi beste inork egiterik. «Niri bururatu zait, eta doan eman gura diet beste erlezainei».
2020-9-27
https://www.berria.eus/albisteak/187515/hiru-pertsona-hil-dira-nafarroan-covid-19aren-ondorioz.htm
Gizartea
Hiru pertsona hil dira Nafarroan COVID-19aren ondorioz
13.012 PCR egin dituzte Hego Euskal Herrian, eta horietatik 842k positibo eman dute.
Hiru pertsona hil dira Nafarroan COVID-19aren ondorioz. 13.012 PCR egin dituzte Hego Euskal Herrian, eta horietatik 842k positibo eman dute.
Hego Euskal Herrian 13.012 PCR proba egin dira azken orduetan, eta 842 positibo atzeman dituzte. Bezperan baino 92 kasu gehiago detektatu dituzte, beraz, 753 proba gehiago eginda. Nafarroan, gainera, hiru lagun zendu dira koronabirusaren eraginez. Lurraldez lurralde, Nafarroan egiten ari da kalterik handiena. Han, 363 positibo atzeman dituzte; egindako proben %10,9. Bizkaian, berriz, 276 erregistratu dituzte; Gipuzkoan, 113; eta Araban, 88. Horiez gain, Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik kanpo atzemandako beste bi kasuren berri ere eman du Eusko Jaurlaritzak. Ospitaleen egoerari dagokionez, COVID-19aren eraginez beste 30 lagun erietxeratu zituzten Hego Euskal Herrian: hamar Nafarroan, eta hogei Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Oraintxe bertan 76 lagun daude zainketa intentsiboetako unitateetan; horietatik 26, Nafarroan. Lurralde hartan beste 165 lagun daude solairuan ospitaleratuta. Eusko Jaurlaritzak, berriz, ez du asteburuetan azken datu hori ematen.
2020-9-27
https://www.berria.eus/albisteak/187516/xabier-zaldua-berriz-ere-garaile.htm
Kirola
Xabier Zaldua berriz ere garaile
Hirugarrenez irabazi du Euskal Pentatloi Txapelketa. Gabirondo izan zen bigarren, eta Arria V.a hirugarren.
Xabier Zaldua berriz ere garaile. Hirugarrenez irabazi du Euskal Pentatloi Txapelketa. Gabirondo izan zen bigarren, eta Arria V.a hirugarren.
Azpeitiko zezen plazak hartu zuen atzo euskal pentatloiko final handia. Geldiune baten ostean, 2018an hasi ziren berriz ere proba egiten, eta ordutik txapeldun bakarra ezagutu du: Xabier Zaldua. Bigarren izan zen Julen Gabirondo, eta hirugarren Xabier Orbegozo Arria V.a. Euripean jokatu zuten atzoko finala, bi txandatan banatuta. Lehenegoan, nor baino nor gehiago aritu ziren Kepa Peñagarikano, Iñaki Errazkin eta Julen Kañamares. Bigarrengoan, berriz, faboritoak: Zaldua, Gabirondo eta Arria V.a. Denak prest bost jarduerak egiteko: 100 kiloko harriari 25 jasoaldi; gizon proban, bi plaza 400 kiloko harriarekin; hiru kanerdiko moztu; 50 kiloko bi txingarekin lau plaza; eta korrika hiru kilometro —30 itzuli plazari—. Peñagarikano izan zen azkarrena lehen txandan, hasieratik amaierara arte, korrika saioan une txarrak pasatu zituen arren. Hala, 38:42 minutuan amaitu zuen proba. Errazkinek 40:05 minutu behar izan zituen, eta Kañamaresek, 43:25. Bigarren txandako hirurak, ordea, Peñagarikanok baino azkarrago osatu zuten proba. Zaldua nagusitu zen hasieratik, eta, Gabirondo hainbat unetan gerturatu zitzaion arren, 35 segundoren aldearekin nagusitu zitzaion. 36:05 minutu behar izan zituen lehenak, eta 36:41 bigarrenak. 37:55eko denbora eginda amaitu zuen, berriz, Arria V.ak. Hala, Zalduak Joxe Mari Olasagastiren marka berdindu du. Hark ere hirutan irabazi zuen Euskal Pentatloi Txapelketa, 1983an, 1984an eta 1990ean.
2020-9-28
https://www.berria.eus/albisteak/187517/trumpek-645-euro-ordaindu-zuen-zergetan-2016an-eta-2017an-the-new-york-times-en-arabera.htm
Mundua
Trumpek 645 euro ordaindu zuen zergetan 2016an eta 2017an, 'The New York Times'-en arabera
AEBetako egunkariak presidenteak azken hogei urteetan isilpean gorde duen informazio fiskala jaso du. Zenbait erakunde kontu horiek ikertzen ari dira.
Trumpek 645 euro ordaindu zuen zergetan 2016an eta 2017an, 'The New York Times'-en arabera. AEBetako egunkariak presidenteak azken hogei urteetan isilpean gorde duen informazio fiskala jaso du. Zenbait erakunde kontu horiek ikertzen ari dira.
Igandean, The New York Times egunkariak Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidentearen azken hogei urteetako zerga aitorpenak argitaratu ditu, eta adierazi du dagoeneko bete dela ehunka milioi euroko zenbait zor ordaintzeko epea. 2016. urteko hauteskunde kanpainaz geroztik, Trumpek ez ditu bere zerga aitorpenak argitaratu; haren aurretik karguan egon diren guztiek egin izan dute hori. The New York Times-ek jakinarazi du Trumpek 645 euro ordaindu zuela zerga federaletan 2016an, hauteskundeak irabazi zituen urtean, eta beste 645 euro Etxe Zurian egin zuen lehen urtean. Kopuru hori oso txikia da AEBetako presidenteak higiezinen negozioan ustez egin duen dirutzarekin alderatuta. Forbes aldizkariak iaz argitaratu zuen Trump «ikaragarri aberatsa» dela, eta zenbatetsi zuen haren ondasuna 2.665 milioi eurokoa dela, eta hainbat irabazpidetan duela banatuta. Atzo argitaratu zuten erreportajearen arabera, agintariak ez du irabazien gaineko zergarik ordaindu azken hamabost urteetatik hamarretan, IRS zergak biltzeko agentziari adierazi baitzion galdua zuela sartutako diru asko. Gaur egun, egunkariaren arabera, Trumpen finantzak estutzen ari dira, dagoeneko epea bukatu zaien ehunka milioika euroko zorrak dituelako, eta berak ordainduko dituela bermatu baitu. Presidenteak hamar urte daramatza IRSrekin ika-mikan, agentziak zalantzak agertu izan dituelako Trumpek egin zuen eragiketa bat dela-eta: 62 milioi euro itzultzeko eskatu zion agentziari, eta hark onartu egin zuen, Trumpek galera handiak zituela jakinarazi ziolako. Auzi horrek presidentearen kontrako epai bat izango balu, 86 milioi euro kostatuko litzaioke, The New York Times-en arabera. Informazio horri erantzunez, Trumpek esan du horiek «albiste faltsuak» direla, Etxe Zurian egin duen agerraldi batean. The New York Times-en kontra jo du, haren gaineko artikulu «kaltegarriak» argitaratzeagatik. Adierazi du IRSk «oso gaizki» tratatzen dutela, eta azaldu du agentzia zergak ikuskatzen ari zaiola: «Guztia argitaratuko dut ikuskapena burutzen dutenean. Haiek haien azterketa ari dira egiten, denbora luzez negoziatu dugu, auzia faltsua da zeharo», esan du. The New York Times-eko artikuluan, Alan Garten abokatu eta AEBetako Gobernuko kideak adierazi du «gertaera gehienak, edo guztiak, zehaztugabeak» direla, eta egunkariari eskatu dio emateko jatorrizko dokumentuak. AEBetako Kongresuko demokratak saiatu izan dira Trumpen zergak argitara ateratzen, baina ez dute lortu. Bestalde, Manhattango fiskaltzak presidentearen zerga aitorpena eskatu dio Mazars enpresari, Trumpekin lan egin zuen kontabilitate enpresari, ikertzeko ea kanpainan ezkutuka Stormy Daniels aktoreari ordaindu izanak New York estatuko arauak urratzen dituen. Egun, hauteskunde kanpaina betean daude AEBetako presidente izateko hautagaiak. Oraingoz, inkesta gehienetan Trumpen aurretik doa Joe Biden Alderdi Demokratako kide eta AEBetako presidenteordea, baina lehia estua izango dutela espero dute. Bihar egingo dute hauteskundeetako lehen debatea, Clevelandeko Unibertsitatean.
2020-9-28
https://www.berria.eus/albisteak/187518/alaphilippek-irabazi-du-errepideko-munduko-txapelketa.htm
Kirola
Alaphilippek irabazi du Errepideko Munduko Txapelketa
Bigarren postuan Wout van Aert sailkatu da, eta hirugarrenean, Marc Hirschi.
Alaphilippek irabazi du Errepideko Munduko Txapelketa. Bigarren postuan Wout van Aert sailkatu da, eta hirugarrenean, Marc Hirschi.
Julian Alaphilippe txirrindulariak irabazi zuen Errepideko Munduko Txapelketa atzo, Imolan (Italia). Bakarrik iritsi zen helmugara, eta haren atzetik sartu ziren Wout van Aert eta Marc Hirschi, hurrenez hurren. Mikel Landa hamaseigarrena izan zen, eta Pello Bilbao, hogeigarrena. Alaphilippek erasoa egin zuen Cima Gallisternako azken igoeran, helmugara iristeko hamabi kilometro falta zirela, eta 24 segundoren aldearekin irabazi zuen. 258,2 kilometro egin zituzten atzoko proban, 5.000 metrotako maldarekin. Bederatzi itzuli egin zituzten 28,8 kilometrotako zirkuiutu batean. Antzeko bi aldapa zeuden bidean, Mazzolano eta Gallisterna gainetara igotzeko. Ia 200 kilometrotako ihesaldi bat izan zen lasterketaren hasieratik, eta Tadej Pogacarrek erasora jo zuen Gallisternara egindako azken aurreko igoeran. Emakumezkoena Anna van der Breggen herbeheretarrak irabazi zuen.
2020-9-28
https://www.berria.eus/albisteak/187519/realak-hirugarrenez-irabazi-du-euskal-herria-kopa.htm
Kirola
Realak hirugarrenez irabazi du Euskal Herria Kopa
Realak penaltietan irabazi du finala, partida hutsean amaitu ondoren.
Realak hirugarrenez irabazi du Euskal Herria Kopa. Realak penaltietan irabazi du finala, partida hutsean amaitu ondoren.
Aurten ere Realak eta Athleticek jokatu dute Euskal Herria Kopako finala, igandean, Zornotzan (Bizkaia). Realak irabazi du hamargarren txapelketa. Taldeak hirugarren aldia du. Athletic izan da txapelduna beste guztietan, eta beti bi talde horiek izan dira finalean. Partidaren lehen zatian, bi taldeak parekatuta aritu ziren, baina bigarrenean Realak hobetu jokatu zuen. Halere, golik gabe amaitu zen arauzko denbora, eta partida penaltietan erabaki zen. Athleticeko zazpi jokalarik sartu zuten gola: Gimbertek, Unzuek, Zuraikik, Monentek, Nevadok, Marianak eta Valdezatek; Realean, zortzik: Nuriak, Amaiurrek, Itxasok, Lareok, Mendozak, Tejadak, Luciak eta Bañosek.
2020-9-28
https://www.berria.eus/albisteak/187520/quim-torra-kataluniako-presidentea-inhabilitatu-du-espainiako-auzitegi-gorenak.htm
Mundua
Quim Torra Kataluniako presidentea inhabilitatu du Espainiako Auzitegi Gorenak
Dagoeneko indarrean da inhabilitazioa. Goreneko epaileek aho batez hartu dute erabakia, eta urte eta erdiko inhabilitazioa bete beharko du. Erabaki horrek Kataluniako legealdia amaitzera behartuko du.
Quim Torra Kataluniako presidentea inhabilitatu du Espainiako Auzitegi Gorenak. Dagoeneko indarrean da inhabilitazioa. Goreneko epaileek aho batez hartu dute erabakia, eta urte eta erdiko inhabilitazioa bete beharko du. Erabaki horrek Kataluniako legealdia amaitzera behartuko du.
Iazko abenduan Kataluniako Auzitegi Nagusiak hartutako erabakia berretsi du Espainiako Auzitegi Gorenak, eta Kataluniako presidente Quim Torraren inhabilitazioaren alde egin du. Urte eta erdiz ezingo du kargu publikorik izan, Kataluniako buruzagi politiko eta sozial presoen aldeko pankartak kentzeko Espainiako Hauteskunde Batzordearen agindua ez betetzeagatik. Gorenaren iritziz, Torrak modu «setati eta sendoan» egin zion entzungor Espainiako Hauteskunde Batzordearen aginduari. Erabakiaren arabera, Generalitateko presidentea aske da bere nortasun politikoa islatzen duten adierazpenak egiteko, baina ez hauteskunde prozesuen gardentasuna bermatzeaz arduratzen den erakunde instituzional bati entzungor egiteko. «Ez gara ari aukera politiko baten inguruko ikurrak edo pankartak jartzeaz, horiek hauteskunde garaian erabiltzeaz baizik, Hauteskunde Batzordearen aginduei entzungor eginez». Presidentearen defentsak auzia Europara eramateko eskaria ere baztertu egin du auzitegiak Fiskaltzaren eta herri akusazioak eskatu bezala. Hala, presidente kargua utzi beharko du Torrak. Epaiak hauteskundeetarako deialdia behartuko du Katalunian. Urtarrilaren amaieran edo otsailaren hasieran izango dira bozak, azken orduko ezustekorik ez bada. Bideoanalisia: Arantxa Elizegi Egilegor, BERRIAko Mundua saileko koordinatzailea (jarraitu irakurtzen bideoaren ostean): Torra bere inhabilitazioari buruz mintzatu zen BERRIAk atzo argitaratu zuen elkarrizketan. Gorenak har zezakeen erabakiari buruz galdetuta, zera adierazi zuen: «Azken hilabeteetan eta urteetan gertatu denak autonomiaren mugak utzi ditu agerian. [Kataluniako] Parlamentuak ezin ditu adosten dituen ebazpenak onartu, 2.850 errepresaliatu ditugu, eta baliteke presidente inhabilitatu bat izatea adierazpen askatasuna defendatzeagatik... Horrek nazioaren jauzi kolektibo baten beharra dakar. Zirt edo zart egin behar da, haustura demokratiko bat egin eta independentzia defendatu». Zer gerta zitekeen aurreikusiz, JxCek eta ERCk akordioa itxi dute Torra inhabilitatu osterako. Legealdiaren amaiera nola kudeatu hitzartu dute Kataluniako Generalitatea sostengatzen duten bi indar independentistek. Torrak arratsaldeko 16:30 aldera jaso du epaia, eta, beraz, dagoeneko indarrean da inhabilitazioa. Pere Aragones presidenteordeak hartuko du Torraren tokia —funtzio mugatuak izango ditu—, eta gobernuak bere egitekoekin jarraituko du, pandemiaren kudeaketa lehentasun hartuta. Parlamentuko presidente Roger Torrentek inbestidurarako hautagaitzak aurkezteko epea zabalduko du, Kataluniako Auzitegi Gorenak Torraren kontrako epaia Generalitateari jakinarazten dionean. Hamar egun izango ditu horretarako. Azken orduko aldaketarik ezean, ez da Torraren ordezkorik izango. Hautagairik ez dutela aurkeztuko esana dute indar independentistek, eta gainerako alderdiek ez lukete gehiengorik lortuko. Bi hilabeteko epean ordezko presidenterik izendatzen ez bada, legeak automatikoki bozetara deitzea agintzen du. 54 egun beranduago egin beharko lirateke; hau da, urtarrilaren 31an ala otsailaren lehenengo egunetan izan beharko lirateke. JxCk eta ERCk lortu dute legealdi amaieran gobernu barruko funtzioak nola banatu adostea, baina ez dago argi erantzun bateratu bat emateko gai izango diren. Bien arteko zatiketa agerikoa izan da azken hilabeteetan, eta herritar independentista askok etsipenez gogoratzen dute nola iazko urrian ez zuten erantzun bateratu bat adostu buruzagi independentisten kontrako epaiari erantzuteko. Kataluniako hainbat hedabidek iragarri dutenez, oraingoz adostu dutena da datozen egunetan Torrak ezohiko agerraldi bat egitea Kataluniako Parlamentuan. CUPek kritikatu egin du JxCren eta ERCren jarrera, eta adierazi du gobernuko bi indarrek uko egin diotela «konfrontazioan oinarritutako erantzun bat» emateari. ANC eta Omnium Cultural eragile independentistek elkarretaratzeak egitera deitu dute, Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia salatzeko. Urte eta erdiko auzia Luze doa estatuko sistema judizialak Torraren aurka abiatutako prozesua. 2019ko martxoaren 11n eman zion lehen agindua Espainiako Hauteskunde Batzordeak Kataluniako presidenteari, esanez Generalitatearen eta harekin lotura duten erakundeen eraikinetatik kentzeko, besteak beste, esteladak, xingola horiak eta bozetara aurkezten den hautagaitzaren batekin bat egiten duten pankartak. Kasu hartan, iazko apirilaren 28ko Espainiako hauteskunde kanpainari eragiten zion debekuak, eraikin publikoek «neutraltasuna» erakutsi behar dutela argudiatuta. Ordurako, Generalitateko balkoi nagusian zintzilik zegoen Askatasuna preso politiko eta erbesteratuentzat zioen pankarta, xingola hori bat alboan zuela. Hura mezu bera zeraman beste bategatik aldatu zuten, xingola horia zuri batengatik ordezkatuz. Marra gorri bat zeraman hark, adierazpen askatasunaren alde. Gainerako eraikinetan pankarta oro kentzearen aurka ere agertu zen Torra. Hala, hauteskunde batzordeak fiskaltzaren esku utzi zuen presidenteak desobedientzia delitu bat egin ote zuen ikertzea. Hark Kataluniako Auzitegi Nagusira eraman zuen auzia, eta epaitegiak abenduaren 19an eman zuen haren aurkako epaia: urte eta erdiko inhabilitazioa. Kataluniako presidenteak, ordea, epaiaren aurkako helegitea aurkeztu zuen, eta ordutik Espainiako Auzitegi Gorenaren ebazpenaren zain egon da, hau da, gaurko ebazpenaren zain. Bien bitartean, eta epaia irmoa izan gabe, Torrari diputatu kargua kentzearen alde egin zuen Hauteskunde Batzordeak, behin-behineko epai bat horretarako nahikoa zela argudiatuta. Hori baliatuz, PPk, Voxek eta Ciudadanosek diputatu kargua ez ezik presidentearena ere kentzeko eskatu zuten. Izan ere, Kataluniako Parlamentuko legediaren arabera, presidente bilakatzeko ezinbestekoa da parlamentari izatea. Bigarren auziaren zain Hori ez da Torraren aurkako epaiketa bakarra. Izan ere, asteazkenean Kataluniako Auzitegi Nagusiko epailearen aurretik pasatu zen, beste desobedientzia delitu bat leporatuta, oraingoan Kataluniako Auzitegi Gorenaren aginduari men ez egiteagatik. Torraren defentsaren arabera, ordea, auzi hori bestearen jarraipena da, ekintza bera egiteagatik ari baitira Torra epaitzen: Generalitatean jarritako pankarta ez kentzea, kasu honetan hauteskunde kanpainatik kanpo. Horrez gain, defentsak adierazi du Kataluniako Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien bosgarren salak ez zuela erabaki hura hartzeko eskumenik. Gauzak hala, Kataluniako presidenteak uko egin zion deklaratzeari, independentismoak jasaten duen «errepresioaren biktima» dela argudiatuta.
2020-9-28
https://www.berria.eus/albisteak/187521/athleticek-irabazi-egin-du-eibarren-aurkako-derbia.htm
Kirola
Athleticek irabazi egin du Eibarren aurkako derbia
Bilboko taldeak denboraldiko lehen hiru puntuak lortu ditu Ipuruan. Eibarrek ez du irabazi oraindik.
Athleticek irabazi egin du Eibarren aurkako derbia. Bilboko taldeak denboraldiko lehen hiru puntuak lortu ditu Ipuruan. Eibarrek ez du irabazi oraindik.
Espainiako Ligako hirugarren jardunaldian, Athleticek 1-2 irabazi dio Eibarri igandean Ipuruan jokatu duten derbian. Talde zuri-gorriaren bi golak Unai Lopezek egin ditu; etxeko taldearena, berriz, Kike Garciak. Denboraldiko bigarren gola du. Gol horrekin berdindu egin du partida, baina atzetik etorri da Athleticen bigarrena. VAR bideo epaile laguntzaileak leku nabarmena izan du partidan; epaileak hainbat aldiz jo baitu harengana. Athleticek sartu dituen hiru goletako bat baliorik gabe utzi du, Villalibre jokoz kanpo zegoelako Iñaki Williamsi goleko erdiraketa egin dionean. Beste bi gol ere aztertu behar izan ditu VARak, eta, balio zutela erabaki duten arren, horrek asko moteldu du partida.
2020-9-28
https://www.berria.eus/albisteak/187522/ortuzarrek-eskua-luzatu-die-eragile-politiko-eta-sindikalei-elkarrizketa-eta-adostasuna-lortzeko.htm
Politika
Ortuzarrek «eskua luzatu» die eragile politiko eta sindikalei, «elkarrizketa eta adostasuna» lortzeko
Alderdi Eguneko mintzaldian, Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak esan du espero dutela abendu erdialdera egitea EBB berritzeko Batzar Nagusia.
Ortuzarrek «eskua luzatu» die eragile politiko eta sindikalei, «elkarrizketa eta adostasuna» lortzeko. Alderdi Eguneko mintzaldian, Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak esan du espero dutela abendu erdialdera egitea EBB berritzeko Batzar Nagusia.
Ezohiko Alderdi Eguna bizi izan zuen atzo EAJk. COVID-19aren izurriaren eraginez, lehen aldiz 43 urtez, ezin izan ziren milaka lagun elkartu Forondako zelaietan, baina leku horretan bertan ekitaldi bat egin zuten Euzkadi Buru Batzarreko eta herrialde batzarretako kideek. «Alderdi honek herri honekin eta bere etorkizunarekin daukan konpromisoaren garra bizirik mantentzea» izan da aurten EAJk Forondan nabarmendu nahi izan duena, Andoni Ortuzar EBBko lehendakariak azaldu zuenez. Egungo egoeraz mintzatu zen, eta «batasunaren» beharra nabarmendu: «Egoera honetatik irten gaitezen, batasuna behar dugu, erantzukizuna, bakoitza bere esparrutik. Lehenengo eta behin, jakina, erantzukizun politikoak edo herri karguak ditugunon aldetik. Baina baita sindikatuen eta erakunde ekonomikoen aldetik ere. Baita komunikabideen eta iritzi sortzaileen aldetik ere». Ortuzarrek gaineratu zuen «elkarrizketa eta adostasuna» behar direla, «eta ez pankartatik edo gatazkarik. Grebak eta aldarrikapenak baino, gure konpromisoak berritu behar ditugu: gure konpromisoa gizarte bidezko eta osasuntsua eraikitzeko; gure konpromisoa kalitatezko zerbitzu publikoekin, osasun zerbitzu onarekin, hezkuntza onarekin eta zerbitzu onekin; euskal autogobernuarekin, esan dudan guztiaren bermatzaile gisa, aurkeztuko den edozein eraso edo mehatxutik babesteko ezkutu gisa». Horretarako, Ortuzarrek eskua luzatu zien «herri honetako erakunde sozial eta politiko guztiei, denon artean ezkutu sendo hori egin dezagun, gure hiritargoa babesteko eta ekonomia suspertzeko bidea hartzeko». Izan ere, EAEko aurrekontuak onartzearen garrantziari erreparatu zion: «Kalkuluen eta alderdikeriaren gainetik, bakoitzaren ideologiaren gainetik, hiritargoaren beharrak lehenetsi behar ditugu, eta, horiei denei erantzuteko, ezinbestekoa da erakunde guztietako aurrekontuak lerrokatuta egotea krisitik irten gaitezen. Bide horretan aurkituko dute EAJ». Bestalde, uztailean egitekoak ziren EAJren Batzar Nagusia abendu erdialdera egitea espero dute, Ortuzarrek jakinarazi zuenez: «Alderdia indartu beharra dago. Indartu eta berritu. Gurearen moduko alderdi politiko batek, herriaren alderdia denak, jendearen begietatik ikusten duenak, kaletik dabilenaren haize berbera arnasten duenak, adi egon behar du aldaketa sozialen aurrean, joera ezberdinen aurrean, eta erantzuna ematen jakin behar du. Hori da hemendik eta hurrengo Batzar Nagusia egin arte egin beharko dugun lana. Alderdia prestatzea, eta, erronka horretarako, onenak aukeratzea».
2020-9-28
https://www.berria.eus/albisteak/187523/osasunak-galdu-egin-du-sadar-berrian.htm
Kirola
Osasunak galdu egin du Sadar berrian
Levantek buelta eman dio markagailuari, eta partida aise irabaztea lortu du Iruñean.
Osasunak galdu egin du Sadar berrian. Levantek buelta eman dio markagailuari, eta partida aise irabaztea lortu du Iruñean.
Osasunak 1-3 galdu du Levanteren aurka Sadar zelai berrian jokatutako estreinako partidan, Espainiako Ligako hirugarren jardunaldian. Taldea irabazten hasi da lehen zatiaren erdialdean, Roberto Torresek area kanpotik sartutako gol bati esker. Pozak gutxi iraun die, ordea, eta Melerok handik hiru minutura berdindu du partida. Atsedenaldiaren ondoren, Levante hobeto aritu da Osasuna baino, eta aurrea hartzeko aukera argia izan du penalti batean, baina Sergio Herrerak gelditu egin du Roger Martiren jaurtiketa. Hala ere, Levanteko aurrelariak gola sartu du geroago. Moralesek erabaki du partida, bukatzeko bederatzi minutu falta zirela.
2020-9-28
https://www.berria.eus/albisteak/187524/borrokak-lehertu-dira-karabakh-garaian.htm
Mundua
Borrokak lehertu dira Karabakh Garaian
Gutxienez 32 dira hildakoak. Armeniak eta Azerbaijanek elkarri egozten diote erasoak hasi izana. Gerra legea ezarri dute Karabakh Garaian, eta armak hartzera deitu dituzte herritarrak.
Borrokak lehertu dira Karabakh Garaian. Gutxienez 32 dira hildakoak. Armeniak eta Azerbaijanek elkarri egozten diote erasoak hasi izana. Gerra legea ezarri dute Karabakh Garaian, eta armak hartzera deitu dituzte herritarrak.
Igande goizaldean lehertu ziren borrokak. Armeniako iturrien arabera, Azerbaijanek eraso egin zion Nagorno Karabakheko kokaleku zibil bati, eta, hari erantzunez, Azerbaijango armadaren bi helikoptero eta hiru drone bota zituzten. Aldiz, Azerbaijango Defentsa Ministerioak dio «kontraeraso bat» hasi zutela «herritarrak Armeniaren erasoalditik babesteko». Gobernuak onartu du helikoptero bat bota diotela, baina nabarmendu tripulazioa onik irten dela. «Hildakoak eta zaurituak egon dira militarren eta zibilen artean», adierazi du Defentsa ministroak. Orotara 32 dira hildakoak. 2016tik gertatu den erasoaldirik larriena izan da asteburukoa. Facebook sare sozialean argitaratutako ohar batean, Armeniako lehen ministro Nikol Paxinianek iragarri du gerra legea ezarri duela eskualdean, eta eskatu die herritarrei prest egon daitezela «aberri sakratua» defendatzeko: «Azerbaijango errejimen autoritarioak erasoaldiari ekin dio, gerra deklaratu dio Armeniako herriari». Gerra legea ezarri dute Karabakh Garaian ere, eta armak hartzera deitu dituzte herritarrak. Bestalde, Azerbaijango presidente Ilham Alyievek ohartarazi du telebista agerraldi batean «Azerbaijanen aurka indarkeria erabiltzen duen orori» erantzungo diotela. «Azerbaijango indarrek eta herritarrek galera handiak izan dituzte Armeniaren erasoaldiaren ondorioz». Hark ere gerra legea ezarri du herrialdean. Karabakh Garaia, ofizialki Azerbaijanen menpekoa den arren, Armeniak kudeatzen du, eta armeniarrak dira biztanle gehienak ere. Hala, herritar gehienek ez dute onartzen Azerbaijanen agintea, eta eskualdea modu autonomoan aritzen da Armeniaren laguntzarekin. Bi herrialdeen arteko gatazka 1918an piztu zen, Errusiarekiko independentzia lortu zutenean. 1920ko hamarraldiaren hasieran, Sobietar Batasunak bere agintea ezarri zuen Karabakh Garaian, eta eskualdea Azerbaijanen menpe geratu zen, nahiz eta erabakiak Moskutik hartzen ziren eta lurraldeak autonomia zuen. 1988an, baina, gobernu autonomoak erreferendum bat egin zuen eskualdea Armeniako errepublikaren menpeko bilaka zedin, eta baiezkoak irabazi zuen. Azerbaijango Gobernuak eta Moskuk ez zuten onartu emaitza. 1991n, Sobietar Batasuna desegin zenean, armeniar separatistek hartu zuten eskualdearen kontrola, Armeniako gobernuaren laguntzarekin. Lurralde autonomoaz gain, Azerbaijango zazpi barruti ere okupatu zituzten. Azerbaijanek aurre egin zien, eta 30.000 hildako eta milaka iheslari eragin zituzten borrokek. 1994an, su-etena hitzartu zuten bi aldeek, nazioartearen bitartekaritzarekin, eta Azerbaijanek tropak erretiratu zituen eskualdetik. Su-etenak, ordea, ez zuen egonkortasun erabatekorik ezarri, eta oraindik ere borrokak pizten dira hainbatean behin, asteburuan gertatu moduan. Elkarrizketarako deia NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak, Antonio Guterresek, borrokak amaitzeko eskatu die bi aldeei, eta elkarrizketa mahaira itzultzeko. Erakundeak aurreratu du datozen orduetan hitz egingo duela Guterresek Armeniako eta Azerbaijango gobernuburuekin, su-etena lortzeko asmoz.
2020-9-28
https://www.berria.eus/albisteak/187525/ikerketa-abiatu-dute-kanbon-behor-bat-zauriturik-atzeman-ondoan.htm
Gizartea
Ikerketa abiatu dute Kanbon behor bat zauriturik atzeman ondoan
Labana bat aurkitu dute animaliaren ondoan. Frantziako Estatuan hainbat zaldi zauritu dituzte azken hilabeteetan.
Ikerketa abiatu dute Kanbon behor bat zauriturik atzeman ondoan. Labana bat aurkitu dute animaliaren ondoan. Frantziako Estatuan hainbat zaldi zauritu dituzte azken hilabeteetan.
Misterio hutsa da. Azken hilabeteetan, Frantziako Estatuan hamarnaka zaldi zauritu dituzte, belarriak moztuz edo sabela urratuz. Iragan ostiralean, Kanbon (Lapurdi) gertatu zen. Behor bati lau labankada egin dizkiote: «Zauriak ez dira larriak», Jerome Bourrier Baionako prokuradorearen arabera. Hala ere, jabeak salaketa jarri du, eta Frantziako Jendarmeriak ikerketa eginen du. Behorra beste hiru zaldirekin zegoen pentze batean, eta ondoan labana bat atzeman dute. Momentuz «goizegi da» behorra aurkitu duten labanarekin zauritua izan den jakiteko, Bourrieren arabera. Agorrilean, Urketan (Lapurdi) atzeman zuten zaldi bat zauriturik. Bourrier: «Azken finean, baliteke zaldia bakarrik zauritu izana». Hala ere, Frantziako Poliziak kasuaren inguruko ikerketan segitzen du. Frantziako Estatuan hamarnaka aldiz errepikatu da gertakizuna. Frantziako Poliziaren azken datuen arabera, 344 seinalamendu izan dira, eta, 55 kasutan, nahitara eginiko zauriak izan direla baieztatu ahal izan dute. Pista bat baino ikertzen ari dira: erritual satanikoak, lerratze sektarioak, mimetismoa ala zaldien kontrako herra. Oraingoz, misterioak segitzen du, eta zaldien jabeei «adi egoteko» eskatu die Frantziako Poliziak.
2020-9-28
https://www.berria.eus/albisteak/187526/artolak-eta-rezustak-irabazi-dute-mastersa.htm
Kirola
Artolak eta Rezustak irabazi dute Mastersa
Altunak eta Imazek ondo hasi dute partida, baina ezin izan diote eutsi Artolaren eta Rezustaren mailari. Rezusta izan da finaleko jokalaririk onena.
Artolak eta Rezustak irabazi dute Mastersa. Altunak eta Imazek ondo hasi dute partida, baina ezin izan diote eutsi Artolaren eta Rezustaren mailari. Rezusta izan da finaleko jokalaririk onena.
Artolak eta Rezustak euren jokoa egin dute Caixabank Masters txapelketako finalean, eta nagusitasunez aritu dira Altunaren eta Imazen aurrean. Partidaren hasiera oso bestelakoa izan da, haiek 4-0 eta 6-2 aurreratu baitira. Hortik aurrera, baina, atzean geratu dira. Artolak oso partida ona jokatu du, eta izan duen aukera bakoitza baliatu du. Rezustaren ezker besoak agindu du partida osoan. Aurkariek etsita amaitu dute finala.
2020-9-28
https://www.berria.eus/albisteak/187527/maddi-sarasua-laskarai-nagusitu-da-xilabako-bigarren-kanporaketan.htm
Kultura
Maddi Sarasua Laskarai nagusitu da Xilabako bigarren kanporaketan
Zuberoa, Lapurdi eta Baxenbarreko Xilaba bertsolari txapelketako bigarren saioa iragan da larunbatean, Muskildin (Zuberoa). Ainhoan (Lapurdi) izanen da hurrengo saioa, datorren larunbatean.
Maddi Sarasua Laskarai nagusitu da Xilabako bigarren kanporaketan. Zuberoa, Lapurdi eta Baxenbarreko Xilaba bertsolari txapelketako bigarren saioa iragan da larunbatean, Muskildin (Zuberoa). Ainhoan (Lapurdi) izanen da hurrengo saioa, datorren larunbatean.
Irailaren 19an hasi zen Xilaba bertsolari txapelketa, eta Aitor Servier Etxexuri nagusitu zen lehen kanporaketan, Hiriburun (Lapurdi). Joan den larunbatean, berriz, Maddi Sarasua Laskaraik lortu du puntu gehien Muskildiko saioan (Zuberoa). Patxi Hiriart Hiribarrenek eta Maindi Murua Berrak egin dute bigarren eta hirugarren. Ondotik iritsi dira Gillen Hiribarren, Pettan Prebende eta Oier Urreizti. Hirugarren kanporaketa heldu den larunbatean eginen dute, Ainhoako herriko gelan (Lapurdi), eta bertan lehiatuko dira Oneka Arteaga Olasagasti, Maddi Ane Txoperena Hiribarren, Iker Altuna, Battitt Crouspeyre, Xumai Murua Berra eta Bixente Hirigarai bertsolariak. Fase horretako azken kanporaketa urriaren 10ean eginen dute, Larzabalen (Baxenabarre). Ondotik, final-herenak urriko hiru asteburuetan jokatuko dituzte, eta saio horietarako jada sailkatuak dira Sarasua Laskarai, Servier Etxexuri, Miren Artetxe, Maddalen Arzallus eta Odei Barroso.
2020-9-28
https://www.berria.eus/albisteak/187528/rementeriak-garaiz-aurkeztu-nahi-ditu-2021eko-bizkaiko-aurrekontuak.htm
Politika
Rementeriak «garaiz» aurkeztu nahi ditu 2021eko Bizkaiko aurrekontuak
Udalak diruz hornitzeko araua aldatu nahi dute, «adostasunez» eta tokiko erakundeen iritzia kontuan hartuta
Rementeriak «garaiz» aurkeztu nahi ditu 2021eko Bizkaiko aurrekontuak. Udalak diruz hornitzeko araua aldatu nahi dute, «adostasunez» eta tokiko erakundeen iritzia kontuan hartuta
Bizkaiko Batzar Nagusietako politika orokorrari buruzko osoko bilkura baliatu du Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak herrialdearen egoeraz gogoeta egiteko eta, bide batez, zenbait neurri berezi iragartzeko. Espero bezala, COVID-19aren pandemiak eta horrek eragindako egoera ekonomiko eta soziala izan dira haren jardunaren gai nagusiak. Rementeriak garrantzi handia eman die 2021. urterako aurrekontuei egoera horri aurre egin ahal izateko, eta esan du saiatuko direla aurrekontu horiek «garaiz» aurkezten, baina aitortu du zailtasunak daudela horretarako eta seguru asko «atzerapenen bat» egon daitekeela. Rementeriaren ustez, oraindik ere «zalantza eta galdera asko» daude, eta horrek zailtzen du aurrekontuak prestatzeari behar bezala egin ahal izatea. Argitu beharreko zalantza horietako bat da zein izango den Bizkaiak zorpetzeko izango duen ahalmena. «Zorpetzeko tarte hori ezarri ostean, erabakiak hartu beharko ditugu, datuetan oinarrituta», azaldu du. Europako diru laguntzak noiz iritsiko diren ere argitu beharreko beste zalantza garrantzitsu bat da. Toki Ogasunei Buruzko Foru Araudia aldatu nahi du Rementeriak, hau da, udalak baliabidez hornitzeko sistema berraztertu nahi du, baina «adostasunez» eta udalerrien eta indar politikoen iritzia kontuan hartuko ekin nahi diote eginkizun horri. «Bizkaia da hura osatzen duten 112 udalerrien batuketa, eta guretzat denak dira handiak», zehaztu du. Iragarri du urtea amaitu aurretik lantalde bat osatuko dutela Eudelekin batera gaiari heltzeko. Beste iragarpen batzuk egin ditu Rementeriak Batzar Nagusietako osoko bilkuran. Bizkai osoan banda zabala sustatzeko deialdi bat egingo dute aste honetan bertan, eta 10 milioi euro bideratuko dute horretara. Etxetic izeneko programa, menpekotasuna duten pertsonak etxean artatzea helburu duena, herrialde osora hedatu nahi dute. Zahar etxeei dagokienez, «sare zabal bat» sustatzearen alde agertu da Rementeria. Esan duenez, zahar etxeetako 1.113 egoiliar hil dira Bizkaian koronabirusaren ondorioz. «Adinekoak pertsonarik zaurgarrienak dira, baina ez genuen espero honela egotea, ezta gure amesgaiztorik txarrenetan ere. Badakigu adinekoentzat eta haien senitartekoentzat oso gogorra izaten ari dena», esan du Rementeriak.
2020-9-28
https://www.berria.eus/albisteak/187529/612-kasu-zenbatu-dituzte-hegoaldean.htm
Gizartea
612 kasu zenbatu dituzte Hegoaldean
28 lagun erietxeratu dituzte azken egunean Hego Euskal Herrian. Halaber, koronabirusarekin eri ziren hiru pertsona hil dira egun bakarrean, Nafarroan.
612 kasu zenbatu dituzte Hegoaldean. 28 lagun erietxeratu dituzte azken egunean Hego Euskal Herrian. Halaber, koronabirusarekin eri ziren hiru pertsona hil dira egun bakarrean, Nafarroan.
Beste 612 positibo detektatu dituzte Hego Euskal Herrian. Dena dela, azken egunean nabarmen egin du behera egindako PCR proba kopuruak: larunbatean, 13.012 test egin zituzten. Atzo, berriz, 9.115. Lurraldeka, Nafarroan atzeman dute positibo gehien: 258. Lurralde horretan egindako PCR proben %8,4k eman dute positibo. Bizkaian, 176 kasu detektatu dituzte egun bakarrean; Gipuzkoan, 90; eta Araban, 74. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, COVID-19arekin eri ziren hiru pertsona zendu dira azken egunean foru erkidegoan. 82 urteko emakumezko bat eta 78 eta 95 urteko bi gizonezko dira hildakoak. Ospitaleratzeei dagokienez, 28 lagun erietxeratu dituzte azken egunean Hegoaldean, aurreko egunean baino bi gutxiago. Hala eta guztiz ere, bi joera desberdin daude zifra horren atzean: Osakidetzaren ardurapeko ospitaleetan, gora egin du egun bakarrean erietxeratutako lagun kopuruak. Zehazki, COVID-19arekin eri ziren 24 pertsona ospitaleratu dituzte Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban, hau da, bezperan baino lau gehiago. Nafarroan, berriz, lau pertsona erietxeratu dituzte, aurreko egunean baino sei gutxiago. Osakidetzak eta Osasunbideak emandako datuen arabera, 510 pertsona daude koronabirusarengatik ospitaleratuta Hegoaldean. Horietatik 84 ZIUetan daude. Koronabirusak Euskal Herrian utzitako datuak sakonki ikusteko, jo ezazu BERRIAk webgunean sortutako atal berezira: Koronabirusaren azken datuak. Bertan jasota daude COVID-19ak Euskal Herrian duen eragina azaltzen duten grafikoak eta mapa interaktiboak.
2020-9-28
https://www.berria.eus/albisteak/187530/trenasako-langileek-greba-mugagabea-egingo-dute.htm
Ekonomia
Trenasako langileek greba mugagabea egingo dute
CAF jabeari presio egiteko eskatu dio CCOOk Nafarroako Gobernuari.
Trenasako langileek greba mugagabea egingo dute. CAF jabeari presio egiteko eskatu dio CCOOk Nafarroako Gobernuari.
Langileen batzarra egin dute gaur goizean Trenasako langileek, Castejongo plantan (Nafarroa). Hor erabaki dute ostiraletik aurrera greba mugagabe bat egitea enpresaren itxiera salatzeko. Joan den ostiralean jakinarazi zien zuzendaritzak fabrika itxiko zutela eta kalean geratuko zirela han aritzen diren 118 langileak. Enpresa ez ixteko eta «Beasainen bezala neurri malguak hartzeko» eskatu dio CCOOk CAFeko buruzagitzari. Halako neurrien aldeko presioa egiteko eskatu dio Nafarroako Gobernuari. Gogorarazi duenez, Nafarroako Gobernuak, Sodena sozietatearen bitartez, sei milioi euro sartu zituen Trenasan 2019. urtean; besteak beste, autobus elektrikoen ekoizpenean hasteko. Trenasako langile batzordeak hiru kide ditu, eta horietako bi dira CCOOkoak eta beste bat USOkoa. CCOOren arabera, «autobusen ekoizpenaren lekutzea» dago Trenasa ixtearen atzean. Izan ere, CAF Vectia enpresaren bitartez sartu zen autobus elektrikoen sektorean, baina 2018an Poloniako Solaris erosi zuen —Europako autobus elektrikoen ekoizle nagusia—, eta haren aldeko apustua egin du. Parlamentuaren babesa Trenasa ixteko iragarpena Nafarroako Parlamentura iritsi da gaur goizean. Bozeramaileen mahaian, itxieraren aurkako bi proposamen onartu dituzte, bata Navarra Sumak aurkeztutakoa, eta besteak Ezkerrak. Horien bitartez, esku hartzeko eskatu diote Nafarroako Gobernuari.
2020-9-28
https://www.berria.eus/albisteak/187531/lukaxenkoren-aurkako-protesta-jendetsuak-egin-dituzte-bielorrusian.htm
Mundua
Lukaxenkoren aurkako protesta jendetsuak egin dituzte Bielorrusian
Manifestariek modu sinbolikoan inbestitu dute oposizioko burua
Lukaxenkoren aurkako protesta jendetsuak egin dituzte Bielorrusian. Manifestariek modu sinbolikoan inbestitu dute oposizioko burua
Beste behin, Aleksandr Lukaxenko Bielorrusiako presidentearen aurkako protesta jendetsuak egin zituzten atzo herrialdeko hainbat hiritan, eta haren dimisioa exijitu. Tokiko prentsaren arabera, 100.000 lagun inguru bildu ziren Minsk hiriburuan, nahiz eta protestak hasi aurreko orduetan militarrek kale guztiak inguratu. Poliziak gogor jo zuen manifestarien aurka, eta negar gasa erabili zuen horiek sakabanatzeko. Barne Ministerioak jakinarazi zuenez, berrehun pertsona baino gehiago atxilotu zituzten. Protestariek zazpigarren igandez jarraian hartu zituzten Minskeko kaleak: bandera zuri-gorriak astindu, eta Svetlana Tikhanovskaia oposizioko buruaren aldeko pankartak eraman zituzten; erbestean dago Tikhanovskaia. Gainera, oposizioko liderra modu sinbolikoan inbestitzeko ere aprobetxatu zuten parada: “Svetlana da gure presidentea”. Hain zuzen, Lukaxenkok joan den asteazkenean egin zuen kargua hartzeko inbestidura saioa, ia modu sekretuan egin zen zeremonia batean. Oposizioko buruak protestekin jarraitzera bultzatu zituen haren aldekoak. “Gure protestaren 50. eguna da, eta Bielorrusiako herriak kaleak hartuko ditu berriro. Erregimen hau geldiarazteko atera gara, eta modu baketsuan egiten ari gara. Demokrazia herria da”.
2020-9-28
https://www.berria.eus/albisteak/187532/unai-elorriagak-eta-pello-otxotekok-jaso-dute-espainiako-kritikaren-saria.htm
Kultura
Unai Elorriagak eta Pello Otxotekok jaso dute Espainiako Kritikaren Saria
Narratiban 'Iturria' eleberria saritu du Espainiako Literatur Kritikarien Elkarteak, eta poesian, 'Itsas bizimina' poema bilduma
Unai Elorriagak eta Pello Otxotekok jaso dute Espainiako Kritikaren Saria. Narratiban 'Iturria' eleberria saritu du Espainiako Literatur Kritikarien Elkarteak, eta poesian, 'Itsas bizimina' poema bilduma
Ipuin bildumaren eta eleberriaren artean dabil Unai Elorriagaren Iturria liburua (Susa), eta haren kalitatea nabarmendu du Espainiako Literatur Kritikarien Elkarteak. Epaimahaiaren iritziz, liburu hori izan da 2019ko literaturak utzitako narratibako lanik onena, eta Pello Otxotekoren Itsas bizimina poema bilduma (Balea Zuria) izan da poesia lanik nabarmenena. Sariketa honetan, egileek ez dute aipamenaz haragoko diru saririk jasotzen. Guztira, hogei kritikarik osatu dute epaimahaia, eta euskarazkoez gainera, katalanezko, galizierazko eta gaztelerazo bina lan ere nabarmendu dituzte. Katalanez, Jordi Lararen Sis nits d'agost lana saritu dute narratiban, eta Dolors Miquel poetaren Ictiosaure poesian. Galizieraz, Berta Davilaren Carrusel eta Olga Novo poetaren Feliz idade. Espainieraz, Mariana Enriquez idazlearen Nuestra parte de noche eleberria, eta Juan Antonio Gonzalez Iglesias poetaren Jardín Gulbenkian saritu ditu epaimahaiak. 1956an egin zuten lehen sari banaketa, eta aurtengoa apirilean egitekoa zen, berez. Koronabirusaren ondorioz, ordea, igandean eman zuten sarituen berri.
2020-9-28
https://www.berria.eus/albisteak/187533/milaka-lagun-atera-dira-kalera-torraren-inhabilitazioa-salatzeko.htm
Mundua
Milaka lagun atera dira kalera Torraren inhabilitazioa salatzeko
ANCk eta Omniumek deituta, udaletxeen aurrean eta plazetan bildu da jendea. Manifestarien eta Mossoen arteko istiluak izan dira Bartzelonan, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzan.
Milaka lagun atera dira kalera Torraren inhabilitazioa salatzeko. ANCk eta Omniumek deituta, udaletxeen aurrean eta plazetan bildu da jendea. Manifestarien eta Mossoen arteko istiluak izan dira Bartzelonan, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzan.
Quim Torra Kataluniako presidentearen inhabilitazioa salatzeko, milaka lagunek protesta egin dute ANCk eta Omniumek deitutako mobilizazioetan. Kataluniako ehunka plazatan bildu da jendea. Espainiako Auzitegi Gorenaren erabakia heldu eta berehala, Kataluniako udaletxe guztien atarian eta plazetan kontzentratzera deitu dute bi erakundeek. «Inoiz ezingo dute herria inhabilitatu! Eman diezaiogun babesa Quim Torra presidenteari», adierazi du Omniumek mobilizazioren berri emateko txioan, adierazpen askatasunaren aldeko mezu batekin. Istiluak izan dira inhabilitazioaren aurkako mobilizazioetan. CDRetako kideak Espainiako Gobernuak Bartzelonan duen ordezkaritzara joan dira, eta, besteak beste, petardoak jaurti dituzte, eta barrikadak egin. Txerri buruak ere jaurti dituzte delegazioa inguratzen duen hesiaren gainetik. CDRetako beste talde batek, berriz, Kataluniako Parlamentura jo du, eta sartu dira haren inguruko gunera. Bi lekuetan istiluak izan dituzte Mossoekin. Hori gerta zitekeelakoan, Mossoek polizia guztien ordutegiak eta lan txandak bertan behera utzi dituzte. Joan den astean hartu zuten erabakia, eta agindu zuten istiluen kontrako operatiboetan parte hartzen duten polizia guztiak lanerako egon behar dutela, «erantzuteko gaitasuna handitzeko eta bermatzeko». Lanean ari ez direnak, gainera, joateko moduan egon beharko dute. Oraingoz, mugimendu independentistek salatu dutenez, gutxienez CDRetako kide bat atxilotu dute Mossoek, Bartzelonan. Erabakia Minerva Operazio Plana kudeatzen duen kabineteak hartu du, eta oinarrian informazio brigadak egiten dituen mehatxuen txostenen eguneratzea dago. Horietan aurreikusi dute protestak oldartu egingo direla zenbait egunetan, eta alerta maila gorena ezarri dute horregatik. ANCren inkesta ANCk bazkideek asteburuan egin duten bozketaren emaitza eman du gaur. Torra inhabilitatzen bazuten zer erantzun eman beharko zukeen galdetu zien ANCk. «Bazkideek argi adierazi dute ez dutela nahi gobernuak inhabilitazioa betetzea, eta erakundeek erantzun sendo bat eman dezaten mobilizatu nahi dutela», jakinarazi du gaur. Presidentea defendatuko dugu, independentziaren alde borrokatuko gara lelopean biltzera deitu du ANCk. ANCren bozketan, bazkideen %95ek bozkatu dute Espainiak Auzitegi Gorenaren sententzia betetzearen aurka. Bigarren galderan zer mobilizaziotan parte hartzeko prest dauden galdetu die ANCk bazkideei. %40k erantzun dute udaletxeen eta erakundeen aurrean biltzeko prest daudela. %27 Kataluniak Espainiarekin dituen mugetara auto martxa motelak egitearen alde agertu dira; %26 parlamentuaren aurrean biltzearen alde, eta %6,5 mobilizazio guztietan parte hartzeko prest agertu dira. Mobilizazioen helburuaz galdetuta (hiru erantzun eman zitezkeen), lautik hiruk bozkatu dute erakundeei erantzun sendo bat eskatu behar zaiela. Hamarretik seik, berriz, Kataluniako erakundeak eta presidentea babestu beharko luketela, eta bitik batek, «estatu okupatzaile erasotzaileak» izan beharko lukeela helburua.
2020-9-28
https://www.berria.eus/albisteak/187534/ulertezina-neurriz-kanpokoa-eta-ustela.htm
Mundua
«Ulertezina», «neurriz kanpokoa» eta «ustela»
Berehala hedatu dira ordezkari politikoen eta eragileen erreakzioak. Bideoanalisia: Arantxa Elizegi Egilegor, BERRIAko 'Mundua' saileko koordinatzailea.
«Ulertezina», «neurriz kanpokoa» eta «ustela». Berehala hedatu dira ordezkari politikoen eta eragileen erreakzioak. Bideoanalisia: Arantxa Elizegi Egilegor, BERRIAko 'Mundua' saileko koordinatzailea.
Espainiako Auzitegi Gorenak urte eta erdirako inhabilitatu du Quim Torra Kataluniako Gobernuko presidentea. PDeCAT alderdiak ezohiko batzar batera deitu du erabakiaz hitz egiteko, eta hainbat alderditako ordezkari politikoak hasiak dira haien iritziak zabaltzen sare sozialetan. Moncloak adierazi du errespetatu egiten dituela epaileen esanak, eta Espainiako Gobernuko kide batek ere ez du iritzia eman Torraren inhabilitazioaren gainean hura jakinarazi dutenetik. Aurretik, Manuel Castells Unibertsitate ministroak adierazi du «gehiegizkoa» litzatekeela pankarta batengatik inhabilitatzea. Isabel Elbal Torraren abokatuak adierazi du auzitegiak ez diela sententziaren berri eman. «Ez dakigu zer helburu duen epaia filtratzeak kaltetuak eta haren abokatuek ziurtasunik izan aurretik», idatzi du Twitterren. Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidentea: «Sistema demokratiko bati ez dagokio Generalitateko presidentea inhabilitatzea adierazpen askatasunerako eskubidea erabiltzeagatik. Errepresioak ez du deuseztatuko herri honen gehiengoaren nahia». Carles Puigdemont Kataluniako Gobernuko presidente kargugabetua: «Koroatik epaileetara, Estatu ustel batek jarraitzen du erabakitzen katalanen izenean. Beste behin, Espainiak esku hartu du gure instituzio demokratikoetan. Kargugabetzez kargugabetze, errepublikara arte». Jessica Albiach En Comu Podem taldearen presidentea Kataluniako Parlamentuan: «Torra presidentearen inhabilitazioa neurriz kanpokoa da, galdutako legealdi baten amaiera ezin okerragoa. Inoiz ez genukeen egoera honetara iritsi behar». Ines Arrimadas Ciudadanos alderdiko presidentea eta Espainiako Kongresuko diputatua: «Espazio publikoak guztionak dira, eta agintari politiko batek ezin ditu legeak urratu propaganda separatistarekin betetzeko». Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia: «Gaur inoiz baino gehiago, endavant Catalunya! Errepresioaren aurrean, demokrazia gehiago. Nire elkartasuna Torra presidentarekiko. Herriak aukeratu zuen eta soilik herriari dagokio epaitzea». Jon Inarritu EH Bilduren diputatua Espainiako Kongresuan: «Ulertzekoa da Auzitegi Goreneko bigarren aretoa kontrolatzen dutenek justiziaz hitz egitea. Ulertezina dena zera da, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren blokeoaz protesta egiten duten horiek pentsatzea gezur hau bidezkoa dela. Lawfare nabarmena». Oriol Junqueras ERCko presidentea eta Kataluniako Gobernuko presidenteorde espetxeratua: «Gorenaren eta Espainiako Estatuaren beste eraso bat demokraziaren eta Kataluniako instituzioen aurka. Independentismoaren kontrako errepresioak ez du etenik. Amnistia, autodeterminazioa eta Kataluniako Errepublika». Sergi Sabria ERC taldearen presidentea Kataluniako Parlamentuan: «Gorena bueltan da. Estatua bueltan da. Gaur Quim Torra presidentearen kontra eta egunero demokraziaren kontra». Ada Colau Bartzelonako alkatea: «Justiziako goi karguen politizazioak gatazkak areagotzen ditu. Torra presidentea pankarta batengatik inhabilitatzea zentzugabekeria bat da, desadostasunak desadostasun».
2020-9-28
https://www.berria.eus/albisteak/187535/donostiako-ospitalean-bi-ume-jaioberriri-emandako-arta-laquoarduragabearaquo-ikertzeko-eskatu-dute.htm
Gizartea
Donostiako Ospitalean bi ume jaioberriri emandako arta «arduragabea» ikertzeko eskatu dute
Umeetako bat hil egin da, eta besteak ondorio larriak ditu; zabaldu diren datuen arabera, anestesia eman zieten biei, elikagaiak ematen ari zirelakoan.
Donostiako Ospitalean bi ume jaioberriri emandako arta «arduragabea» ikertzeko eskatu dute. Umeetako bat hil egin da, eta besteak ondorio larriak ditu; zabaldu diren datuen arabera, anestesia eman zieten biei, elikagaiak ematen ari zirelakoan.
«Izugarria da». Pazienteen Defendatzailea elkarteko presidente Carmen Floresek atzo hitz horiek erabili zituen Donostiako Ospitalean gertatutakoaren inguruan ezagutu diren albisteei buruzko iritzia emateko. Zabaldu diren datuen arabera, garaia baino lehen jaiotako bi umeri eman beharreko artan akats larri bat gertatu zen erietxe horretan; elikagaiak eman beharrean, anestesia motaren bat eman zieten, eta oker horrek ondorio larriak izan ditu: umeetako bat hil egin da, eta besteari kalte larriak eragin dizkio emandako botikak. Pazienteen Defendatzailea elkarteak EAEko fiskal nagusiari eskatu dio ikerketa bat hasteko zer gertatu den argitzeko. Gertaeraz zabaldu den informazioaren arabera, Osakidetzak berak familiei emandako txostenetan onartzen da botikak ematean egin zuten akatsa. Hala ere, osasun zerbitzuak ez du ofizialki deus esan atera diren berrien inguruan. Esan dute pazienteen gaineko daturik ez dutela inoiz ematen, eta oraingoan ere ez dutela ezertxo ere adieraziko. Jazoeraren berri eman duen albistearen arabera, urtarrilean gertatu zen. Pazienteen eskubideen kasuak lantzen dituzten elkarte eta profesionalen arabera, pazienteen %5-%10ek izaten dute ematen dizkieten botiketan errakuntzaren bat izateko arriskua. Onartu dute, ordea, kasu honen «larritasuna» apartekoa dela. Umeei botikak emateko jarraitu behar ziren «protokoloak» ondo aztertu behar direla esan dute, eta horietan oinarrituta ikusi behar deia hutsegitearen sorburua zein izan zen, erantzukizunak argitze aldera.
2020-9-28
https://www.berria.eus/albisteak/187536/espainiako-auzitegi-gorenak-bi-urtera-jaitsi-dio-kartzela-zigorra-gazteluetako-irakasle-ohiari.htm
Gizartea
Espainiako Auzitegi Gorenak bi urtera jaitsi dio kartzela zigorra Gazteluetako irakasle ohiari
Ikasle bati 2009tik 2011ra sexu abusu jarraituak egitea egotzi dio, baina Bizkaiko Lurralde Auzitegiak ezarritako 11 urteko kartzela zigorra bi urtera jaitsi du. Aho batez hartu du erabakia.
Espainiako Auzitegi Gorenak bi urtera jaitsi dio kartzela zigorra Gazteluetako irakasle ohiari. Ikasle bati 2009tik 2011ra sexu abusu jarraituak egitea egotzi dio, baina Bizkaiko Lurralde Auzitegiak ezarritako 11 urteko kartzela zigorra bi urtera jaitsi du. Aho batez hartu du erabakia.
Espainiako Auzitegi Gorenak bi urteko kartzela zigorra ezarri dio Leioako (Bizkaia) Gaztelueta ikastetxeko irakasle ohi bati, 2009tik 2011ra ikasle adingabe bati sexu abusu jarraituak egiteagatik. Gainera, irakasleak ezingo du biktimarengana gerturatu lau urtean. Auzitegiak aho batez hartu du erabakia. Bizkaiko Lurralde Auzitegiak, berriz, 11 urteko kartzela zigorra jarri zion sexu abusu jarraituengatik akusatuak bere bulegoan egindako bost sexu abusu gertaerarengatik. Espainiako Auzitegi Gorenaren arabera, auzitegiak sinesgarritasuna eman zion biktimari, akusazioaren perituek emandako testigantzan oinarrituta. Orain, Espainiako Auzitegi Gorenak partzialki onartu du irakasleak ezarritako errekurtsoa –errugabetasun presuntziorako eskubidea urratu izana–, eta frogatutako gertaeretatik kanpo utzi ditu zigorra areagotu zuten bost gertaeretatik bi: ikaslea bere aurrean masturbatzera eta boligrafo bat uzkian sartzera bultzatzea. Bostetik hirura Tribunalak ziurtatu duenez, biktimak lehen hiru gertaerak –ukituak– gertatutakoa gurasoei kontatzea erabaki zuenetik deskribatu zituen, baina beste bi gertaerak ez zizkien kontatu gurasoei, ezta 2011ko maiatzetik egon zen profesionalei, Adingabeen Fiskaltzari –eskola jazarpenarengatik diligentziak jarraitu zituztenean– eta EAEko fiskal nagusiari ere. Espainiako Auzitegi Gorenaren hitzetan, psikiatra bati kontatu zion 2015 inguruan, eta hortik aurrea osorik kontatu zituen kereilan eta ondorengo deklarazio judizialean. «Ez da hasierako gertaera bat gero kontatzen duenak ñabardurak edo zuzenketak egiten dituena. Adingabeko baten aurrean gaude, zeinak irakaslearen sexu abusuak jaso dituen, eta 15 urte dituenean bere errealitatea eta exintentzia kontatzen dien gurasoei eta artatzen duten profesionalei. Azkenik, 19 urte dituenean, bere kontakizuna aberasten du zigorretan garrantzi handia duten bi gertaerekin, ordura arte isildu zituenak, eta bat-bateko garrantzia hartzen dutenak 2015ean ezartzen duen kereila kriminalean». Auzitegiaren arabera, Bizkaiko Lurralde Auzitegiak hasierako gabeziaren eta jarraikortasun faltaren arrazoia adingabearen deklaraziotik –gertatu zenarengatik sentitutako lotsa eta erruduntasuna azaldu zituen– eta perituen irizpenetik –isiltasuna sentimendu horiei egozten dio– hartu zuen. Aldiz, Espainiako Auzitegi Gorenak bestelako iritzia du. Haren hitzetan, egozterakoan iraunkortasun falta izateak bertan behera uzten du bi egitate horien froga balioa. eta gogorarazi du hori izan zela arrazoia epaiketan fiskalak ez sartzeko behin betiko ondorioetan.
2020-9-28
https://www.berria.eus/albisteak/187537/madrilek-autonomoentzako-laguntzak-luzatuko-ditu-urtarrilaren-31-arte.htm
Ekonomia
Madrilek autonomoentzako laguntzak luzatuko ditu urtarrilaren 31 arte
Autonomoen elkarte nagusiek eta Espainiako Gobernuak akordioa egin dute jarduera eteteagatik dagoen lansaria luzatzeko.
Madrilek autonomoentzako laguntzak luzatuko ditu urtarrilaren 31 arte. Autonomoen elkarte nagusiek eta Espainiako Gobernuak akordioa egin dute jarduera eteteagatik dagoen lansaria luzatzeko.
Espainiako ATA langile autonomoen elkarteko presidente Lorenzo Amorrek jakinarazi du akordioa lortu dutela Espainiako Gobernuarekin autonomentzako laguntzak luza daitezen urtarrilaren 31ra arte. Amorren arabera, jarduera eteteagatik Madrilek onartua duen lansaria jasotzeko aukera beste lau hilabete luzatuko da; gobernuak bihar bertan onartuko du legea Ministro Kontseiluan. «Azken idatziaren zain gaude, baina laguntza handitu egin da, eta autonomoen artean inor atzean ez uzteko itun bat da», esan du autonomoen erakundearen presidenteak. Sasoikako autonomoentzako laguntza berri bat onartuko du Espainiako Gobernuak, ATA autonomoen elkartearen arabera. Horrez gain, arrazoi administratiboak edo antzekoak tarteko direla, jarduera eteteagatik aparteko lansaria eskatzeko eskubidea izango dute autonomoek, urtarrilaren 31 arte, betiere orain arteko baldintzak betez gero. Bestalde, ohiko lansaria eskatzeko aukera ere luzatuko dute. Jarduera utzi behar izateagatik, kotizazio oinarriaren %50 jasoko dute autonomoek; pandemiaren lehen olatuan %70erainokoa jaso zezaketen. Kotizazioa pagatzetik libre utziko dituzte, nolanahi ere. Aparteko laguntza hori eskatzeko, jardueraren %75 behintzat utzita beharko dute autonomoek, edo negozioa itxita. Tarifa laua dutenek eskatu ahal izango dute, baita Gizarte Segurantzan urtebete baino gutxiago izena emanda daudenek ere. Dena den, datozen hilabeteetan beren diru sarrerak gutxieneko soldata ez gainditzea izango dute beste baldintza laguntza hori eskuratzeko. Beste autonomo guztiek ohiko lansaria eskatu ahal izango dute urtarrilaren 31 arte. Uztailaren 1ean martxan jarri denetik lansari hori lortu dutenei automatikoki luzatuko zaie, eta eskatzaile berriek erakutsi beharko dute jardueraren %75 behintzat galdu dutela iazko hiruhileko berarekin alderatuta. Sasoikako autonomentzat lau hilabeteko laguntza egongo da, bestalde; eskatuko zaie martxotik maiatzera Gizarte Segurantzan izena eman gabe egotea.
2020-9-28
https://www.berria.eus/albisteak/187538/gorenaren-epaiaren-aurka-manifestu-bat-atera-dute-eta-atxikimenduak-biltzen-ari-dira.htm
Gorenaren epaiaren aurka manifestu bat atera dute eta atxikimenduak biltzen ari dira
Gorenaren epaiaren aurka manifestu bat atera dute eta atxikimenduak biltzen ari dira.
Torraren inhabilitazioaren epaia ezagutu bezain pronto, Salvador Cardus unibertsitateko irakasle eta politologoaren ekimenez, Kataluniako hainbat lagunek manifestu bat atera dute inhabilitazioa salatuz, eta inhabilitacio@gmail.com posta elektronika sortu dute atxikimendu gehiago biltzeko. Espainiako sistema judizialari mendeku gosez jokatzea leporatzen diote, eta azpimarratu dute Europan aurrekaririk ez duela karguan den presidente bat inhabilitatzeko erabakiak. Hala dio manifestuak (katalanez): "Crit de denúncia, acusació i condemna per la inhabilitació del MHP Quim Torra Els sotasignats, Denunciem la sentència del Tribunal Suprem que inhabilita el MHP Quim Torra per haver defensat la llibertat dels presos i exiliats polítics catalans. la mateixa que reclama el Grup de Treball sobre la Detenció Arbitrària de l'ONU. Acusem la justícia espanyola d’actuar amb ànim de venjança i escarment. Ha vulnerat la garantia d’imparcialitat amb la sentència dictada per uns magistrats del TSJC que havien expressat opinions polítiques sobre els fets que havien de jutjar, ha avalat la decisió d’un organisme políticament esbiaixat i no competent com la JEC, i ha aplicat una manifesta diferència de tracte en relació a casos similars anteriors. Condemnem la deriva antidemocràtica de l’Estat espanyol que utilitza la repressió judicial per aturar la lliure voluntat democràtica dels catalans. Fins i tot, inhabilitant un president en exercici del seu càrrec, fet sense precedents a l’Europa democràtica. Sabem que la indignació, la raó o la perseverança no són suficients per a transformar una realitat tan profundament injusta i abusiva com la d’aquesta sentència. Ni per aturar la vergonya d’un Estat que protegeix criminals de lesa humanitat o que encobreix monarques corruptes. Ni, fins ara, per alliberar els nostres presoners polítics o fer possible el retorn dels exiliats. I tampoc han estat capaces d’acabar amb el sistemàtic maltractament econòmic, social i cultural del nostre país. Però afirmem que la indignació, la raó i la perseverança són el fonament i la llavor de tota revolta a favor de les minories nacionals oprimides i en defensa d’una causa justa, ara al mateix cor d’Europa, com és el dret a l’autodeterminació dels catalans. Per això convidem totes les persones que teniu una radical consciència democràtica, un radical compromís amb la llibertat d’expressió, i una radical voluntat de justícia política i social a afegir-vos a aquest crit de denúncia, acusació i condemna per l’autoritària i ignominiosa expulsió del MHP Quim Torra d’una presidència assumida per mandat democràtic i exercida amb tota la dignitat institucional".
2020-9-28
https://www.berria.eus/albisteak/187539/hasi-da-egunean-behin-jokoaren-denboraldi-berria.htm
Bizigiro
Hasi da Egunean Behin jokoaren denboraldi berria
Jokoaren bosgarren sasoia izango da, eta Guuk telefonia eta Internet konpainia berriak babestuko du. Lehen egunean 15.000 erabiltzaile baino gehiago izan ditu jokoak.
Hasi da Egunean Behin jokoaren denboraldi berria. Jokoaren bosgarren sasoia izango da, eta Guuk telefonia eta Internet konpainia berriak babestuko du. Lehen egunean 15.000 erabiltzaile baino gehiago izan ditu jokoak.
Iritsi da eguna. Gaur hasi da Egunean Behin sakelako telefonoko joko arrakastatsuaren bosgarren denboraldia, eta 15.000 erabiltzaile baino gehiagok hartu dute parte dagoeneko. Hamabi asteko iraupena izango du sasoi berriak, eta, orain arte bezala, jokalari bakoitzak egunero hamar galdera erantzun beharko ditu ahalik eta denbora laburrenean. Guuk telefonia eta Interneteko konpainia berriak babesten du denboraldia, eta harenak izango dira sari nagusiak: egonaldi bat Mutrikuko (Gipuzkoa) Haitzalde hotelean, otordu bat Iribar jatetxean, eta Errigorako saskia. Sailkapen nagusi horretan, sasoian zehar jokatutako bost asterik onenen datuak hartuko dira aintzat. Lehen asteko babeslea ere Guuk izango da, eta sakelako bi telefono banatuko dituzte: bata, asteko irabazlearentzat, eta bestea, jokalari denen artean zozketatuta. Jokoaren garatzaileek ondo dabilena ez aldatzearen alde egin dute denboraldi berrian. Izan ere, milaka jokalari ditu jokoak; horren ondorioz, lehia, sailkapen nagusian egon beharrean, erabiltzaileen artean egindako taldeetan sortzen da. 40.000 talde inguru daude, eta horietako askotan aparteko sariak banatzen dituzte. Laugarren denboraldia ere arrakastatsua izan zen, eta itxialdiak iraun zuen asteetan goia jo zuen. 80.000 pertsona inguruk jokatu zituzten eguneko partidak. Astero 400.000 galdera inguru erantzun zituzten, eta, denboraldi osoan, lau milioi. Zuzeneko saioak ere egin zituzten.
2020-9-28
https://www.berria.eus/albisteak/187540/korsikako-nazionalistek-lehen-aldiz-lortu-dute-ordezkaritza-frantziako-senatuan.htm
Mundua
Korsikako nazionalistek lehen aldiz lortu dute ordezkaritza Frantziako Senatuan
Femu a Corsica autonomistako Paul-Toussaint Parigi aukeratu dute goi ganberako senatari. Macronen alderdiak hiru eserleku galdu ditu, hogeirekin geratzeraino.
Korsikako nazionalistek lehen aldiz lortu dute ordezkaritza Frantziako Senatuan. Femu a Corsica autonomistako Paul-Toussaint Parigi aukeratu dute goi ganberako senatari. Macronen alderdiak hiru eserleku galdu ditu, hogeirekin geratzeraino.
Korsikako mugimendu nazionalista arrakastaz arrakasta ari da 2014tik hona egindako hauteskundeetan. Oraingoan, urte hartako, 2015eko eta 2017ko garaipenei, eta aurtengo herriko bozetako alkatetzei gehitu behar zaie atzo eskuraturiko eserlekua: lehenengoz, Mediterraneoko uharteko nazionalistek ordezkari bat izango dute Frantziako Senatuan. Femu a Corsica alderdi autonomistako Paul-Toussaint Parigi aukeratu dute senatari kargurako, eta horrek are gehiago sendotu du nazionalistek orain arte egindako bidea. Gilles Simeoni Korsikako presidentea buru duen mugimenduak indartsu jarraitzen du Frantziako hauteskundeetan ere, eta, egun, irlako ordezkarien gehiengoa du ziurtatua parlamentuko bi ganberetan: Asanblea Nazionalean, jokoan zeuden lau eserlekuetatik hiru lortu zituen 2017an, eta aurten Senaturako bietatik bat eskuratu du. Goi ganberaren kasuan, senatariak ez dituzte herritarrek aukeratzen, horien ordezkari politikoek baizik; alegia, diputatuek, senatariek, kontseilariek eta hautetsiek. Hala, bigarren itzulian Parigik 328 boto jaso zituen (%58,8) Korsika Garaiko politikarien artean, hautagai independentistaren eta sozialistaren babesak gehituta; ordezkari autonomistaren garaipenak ziurra zirudien, lehen itzulian boto bakarra falta izan baititzaion kargua lortzeko. Femu a Corsicaren senatariaren iritziz, garaipena «mugimendu batena» da, eta «oso pozik» agertu zen arren Frantziako goi ganberan Korsikako lehen senatari nazionalista bilakatzeagatik, «bakarrik» ez geratzearen garrantziaz ohartarazi zuen atzo. Oraingoz ezer adostu ez duten arren, badirudi Parigi Europa Ekologia-Berdeak (EELV) alderdiaren taldearen parte izango dela Frantziako Senatuan; aliantza hori ez da berria, bi alderdiek François Alfonsi hautagai bera babestu baitzuten Europako Parlamenturako hauteskundeetan —hark ere lortu zuen ordezkaritza—. Simeoni ere pozarren agertu zen mugimendu nazionalistaren garaipenarekin: «Une garrantzitsu bat da, arlo politiko eta sinbolikoan indartsua dena, Korsikak lehen aldiz senatari nazionalista bat izango duelako. [Parigik] Korsikaren eta korsikarren interesak defendatuko ditu». Garaipen horrekin, Parigik orain arte zituen kargu publikoetako gehienak utzi beharko ditu, tartean Santa-Lucia di Mercuriuko alkatearena —hautetsi izaten jarraituko du—, eta Korsikako Asanbleako diputatuarena, besteak beste. Herriko bozetan eta Frantziako Senaturako hauteskundeetan lorturiko garaipenei esker, Korsikako mugimendu nazionalista indartsu aurkeztuko da datorren urteko martxoan egitekoak diren Korsikako Asanblearakoetara. Eskuina, indartsu Atzoko bozetan Frantziako goi ganberako eserlekuen erdiak berritu zituzten —348 ditu—, baina indar orekan ez zen aldaketarik izan, eskuindarrek gehiengo izaten jarraituko baitute. Behin betiko emaitzen zain, eta Public Senat telebista katearen proiekzioaren arabera, Errepublikanoak (LR) alderdiak izango luke ordezkaritzarik handiena, duela hiru urte baino bederatzi senatari gehiagorekin 153ra iristeraino. LRk atzetik izango lituzke Alderdi Sozialista, 65 ordezkarirekin (sei gutxiago), eta Batasun Zentrista talde parlamentarioa —tartean da Emmanuel Macron Frantziako presidentea Asanblean babesten duen UDI—, 51 ordezkarirekin (=); Macronen Errepublika Martxan (LREM), aldiz, ordezkaritza handiena luketen alderdietan laugarrena litzateke, hogei senatarirekin (-3). Frantziako presidentearentzat, espero baino emaitza hobeak izan dira, galera handiagoak aurreikusi baitzizkioten, eta alderdiaren Senatuko taldearen presidente François Patriatrek ere eserlekua mantendu baitu. Txanponaren beste aldean, agerian geratu da LREMren ahulezia, ez baitu lorpen garrantzitsurik lortu 2017ko presidentetzarako eta Asanblearako hauteskundeetako garaipenetatik. Kontrara, gorakada handiena EELVk izango luke: duela hiru urte ez zuen eserlekurik lortu, eta atzodanik hamabi izango lituzke, Public Senaten proiekzioaren arabera. Horrek ahalbidetuko lioke talde propioa sortzea, eta, ezustekorik ezean, horren parte izango litzateke Korsikako nazionalisten senataria. Oro har, igandeko hauteskundetako emaitzek LRi ahalbidetuko diote goi ganberaren kontrolari eustea, eta, 2008an, 2014an eta 2017an bezala, etzi ere Gerard Larcher aukeratuko dute Senatuko presidente kargurako. Larcher bera pozarren agertu zen atzo gauean: «Boz horiek eskuinaren eta zentroaren Senatuko gehiengoa sendotu dute, errealitate ekonomiko, sozial eta osasun ezezagun baten erdian». Testuinguru horretan, Asanblea Macronen eta bere aliatuen esku dagoenez, eskuinak Senatua baliatu nahi du gobernuaren jardunaren kontrapisu izateko.
2020-9-28
https://www.berria.eus/albisteak/187541/aspeko-pilotariek-baikon-akordioa-lortzeko-pausoak-eman-daitezela-eskatu-dute.htm
Kirola
Aspeko pilotariek Baikon akordioa lortzeko pausoak eman daitezela eskatu dute
«Bidezko irtenbide bat» galdegin dute, «errudunik gabe eta harrotasunak alde batera utzita». Haien ustez, «lotsagarria da ematen ari garen irudia»
Aspeko pilotariek Baikon akordioa lortzeko pausoak eman daitezela eskatu dute. «Bidezko irtenbide bat» galdegin dute, «errudunik gabe eta harrotasunak alde batera utzita». Haien ustez, «lotsagarria da ematen ari garen irudia»
Aspeko pilotariek ohar bat atera dute gaur «pilotan azken egunetan gertatzen ari den egoeraz eta, batez ere, Baikon «pairatzen ari direnaz» iritzia emateko. Aspeko pilotariek diotenez, «oso kezkatuta» daude «ikusi eta bizi» dituzten «injustizia egoerekin», eta, haien ustez, «ezohikoak» dira, eta «aurretik inoiz ez gertaturikoak». Hori ikusirik, «bidezko irtenbide bat» eskatu dute, «errudunik gabe eta harrotasunak alde batera utzita». «Azken finean, ematen ari garen irudia lotsagarria delako. Ez dezagun aitzakiarik jarri, koronabirusa arazotzat jarrita. Gure enpresan egin dugun bezala, akordio batera heltzeko pausoak ahalbidetu daitezela eskatzen dugu. Horrenbeste maite dugun kirolean gehiago pentsatu behar dugu, eta denon laguntzarekin aurrera egin. Bestela, aspalditik pilota indartzeko egin diren pauso guztiak pikutara joan daitezke», diote agirian. Azkenik, Baikon jarraituko ez duten lau pilotariri «elkartasuna» adierazi diete: Iosu Eskirozi, Victor Estebani, Unai Lasori eta Jon Mariezkurrenari. Horren harira, Jon Mariezkurrenak Euskadi Irratian erantzun egin die bezperan Ander Imazek irrati berean egindako adierazpenei. Imaz ez dago Baikori jarrera aldatzeko eskatu dion pilotari taldean, eta, azaldu zuenez, hori dela eta, «pilotari batzuk» ez dira berarekin «ondo portatu». Mariezkurrenak, besteak beste, salatu du Imaz taldearen inguruko informazioa filtratzen aritu zaiola Baikori. «Teknikari askok zekizkiten gure pausoak. Garaik [Jose Ramon Garai Baikoko zuzendari nagusia] esan zigun begiak zituela taldean».
2020-9-28
https://www.berria.eus/albisteak/187542/urriaren-12an-hasiko-dute-euzkadi-buru-batzarra-berritzeko-prozesua.htm
Politika
Urriaren 12an hasiko dute Euzkadi Buru Batzarra berritzeko prozesua
Abenduaren 12an eta 13an egingo dute Euzkadi Buru Batzarreko presidentea aukeratzeko Batzar Nagusia.
Urriaren 12an hasiko dute Euzkadi Buru Batzarra berritzeko prozesua. Abenduaren 12an eta 13an egingo dute Euzkadi Buru Batzarreko presidentea aukeratzeko Batzar Nagusia.
Urriaren 12an ekingo diote Euzkadi Buru Batzarra eta lurralde batzarrak berritzeko prozesuari, eta bi hilabetez luzatuko da, abenduaren 12an eta 13an Batzar Nagusia egin arte. EBBko presidentea eta gainerako kideak aukeratuko dituzte batzar horretan, eta prozesuan parte hartzeko aukera izango dute alderdi jeltzalearen afiliatu guztiek. Hainbat epe izango ditu prozesuak. Lehen epea urriaren 12tik 25erakoa izango da, eta Uri Erakunde bakoitzak EBBko presidente izateko hautagai bat eta burukide izateko sei hautagai proposatuko ditu. Azaroaren 2tik 18ra, Uri Erakundeek EBBko presidente izateko hautagai bat eta burukide izateko zortzi hautagai aukeratuko dituzte lehen epean gutxienez hiru Uri Erakunderen babesa jaso dutenen artetik. Azaroaren 27an eta 28an, Herrialde Batzarrak egingo dituzte, eta horietatik aterako dira, gutxienez, EBBko presidente izateko hautagai bat eta burukide izateko zortzi. «Azkenik, Aberri Batzarrak, Batzar Nagusian bilduta, EBBko presidentea eta zortzi burukideak aukeratuko ditu Herrialde Batzarrek proposatutako hautagaien artetik», azaldu du EAJk. Lurralde batzarrak berritzeko prozesua ere garai berean egingo dute, baina burukideak eta presidenteak ez dituzte Batzar Nagusiaren egunean aukeratuko.
2020-9-28
https://www.berria.eus/albisteak/187543/faltzes-eta-funes-konfinatzeko-neurriak-hartu-dituzte.htm
Gizartea
Faltzes eta Funes konfinatzeko neurriak hartu dituzte
Nafarroako Osasun Departamentuak hartu du erabakia, birusaren intzidentzia datuekin oso kezkatuta baitago.
Faltzes eta Funes konfinatzeko neurriak hartu dituzte. Nafarroako Osasun Departamentuak hartu du erabakia, birusaren intzidentzia datuekin oso kezkatuta baitago.
Izurriaren intzidentzia datuekin kezkatuta, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak aparteko neurriak ezarriko ditu bihartik Faltzesen eta Funesen. Azkoienen lehengo astean egin zuten gisan, tabernetako ordutegiak murriztuko dituzte, jendea taldekatzea eragotziko dute, eta herritarrei eskatu diete premiazkoa ez bada ez irteteko. Urriaren 7ra arte egongo dira neurriak indarrean, printzipioz. Osasun agintarien arabera, 100.000 biztanleko mila kasu atzematen ari dira bi herri horietan, eta horrek eraman ditu erabakia hartzera. Bi udalerriak Azkoiengo eremu sanitario berean daude, eta inguru horretan izurriak duen bilakaera aspalditxotik da kezkarako motibo. Nafarroako Gobernuak udalekin batera ezarriko ditu konfinatze neurriak, elkarlanean.
2020-10-5
https://www.berria.eus/albisteak/187575/covid-19aren-uste-ustelak.htm
Gizartea
COVID-19aren uste ustelak
COVID-19aren pandemia ukatzen duten joera batzuek indarra hartu dute uda honetan. Haiek zabaldutako uste batzuk zeinen okerrak diren azaldu dute Miren Basaras eta Guillermo Quindos mikrobiologoek artikulu sorta honetan.
COVID-19aren uste ustelak. COVID-19aren pandemia ukatzen duten joera batzuek indarra hartu dute uda honetan. Haiek zabaldutako uste batzuk zeinen okerrak diren azaldu dute Miren Basaras eta Guillermo Quindos mikrobiologoek artikulu sorta honetan.
Mugimendu negazionista zalantzan jartzen ari da PCR proben eraginkortasuna eta fidagarritasuna. Esaten dute positibo eta negatibo faltsu gehiegi ematen dituztela —sentsibilitatea esaten zaio horri: test batek zenbateko gaitasuna duen gaitz bat detektatzeko—; esaten dute test horiek birusaren arrasto batzuk atzeman ditzaketela, baina ez dela gauza bera hori atzematea eta pertsona bat gaixorik dagoela esatea, edo, are, zalantzazkoa dela proba horietan atzemandako adierazleek COVID-19aren arrastoak izatea ere; zenbaitek ukatu ere egiten dute gaitzak birusek transmititzen dituztela; eta esaten dute gobernuak nahita ari direla puzten PCR proben emaitzak —asintomatikoen emaitzei gehiegizko garrantzia emanez—, gizartean alarma eta beldurra eragiteko. Ezin dira urrunago egon zientzialarien ikuspegitik. Miren Basaras eta Guillermo Quindos EHUko irakasle eta mikrobiologoek esplikatu dute PCR probak erabiltzen direla ez soilik SARS-CoV-2a detektatzeko, baizik eta beste mikroorganismo eta birus batzuk atzemateko ere. «Birusen diagnostiko mikrobiologikoa egiteko hainbat teknika daude. Horien artean, PCR teknikak birusaren genoma detektatzen du; hau da, birusak barnean duen zati bat». Polimerasaren kate erreakzioan oinarritzen dira PCR probak. Pazienteari laginak hartzen zaizkio —ahotik zein sudur zulotik, listutik, karkaxatik, garbiketa bronkoalbeolarretatik...—, eta horietan birusaren ARNa (genoma) ba ote dagoen aztertzen dute. «Diagnostikorako metodo guztiek dituzte beren mugak», azaldu du Quindosek, «baina PCRek ahalbidetu dute diagnostikorako teknika oso eraginkorrak garatzea, emaitza faltsu positibo zein negatibo oso gutxi ematen dituztenak». Lagin batzuek beste batzuek baino balio gehiago izan dezaketela erantsi du, eta, gainera, gaixoari lagina hartzen zaionean infekzioa zer momentutan daukan ere esanguratsua izan litekeela. «Negatibo faltsu batzuk gerta litezke, adibidez, lagina gaizki hartu delako, edo hartu zenean birusaren ARN nahikorik ez zegoelako. Eta positibo faltsu batzuk gerta litezke gaixoa osatu ondoren birusa desagertu daitekeelako baina ARNaren arrastoren batzuk gera litezkeelako». Emaitza faltsu gutxiago Hala ere, PCRei buruzko zalantzarik ez du batere Quindosek, emaitza faltsuak bakanak izaten direlako: «Kopurutan, beste test batzuek baino akats gutxiago ematen dituzte». Adibidez, azaldu du antigenoak —birusaren zatiak— eta antigorputzak —gaixoak birusari emandako erantzuna— detektatzeko testek emaitza faltsu gehiago eman ditzaketela. Basarasek gehitu du diagnostiko horiei kontrolak egiten zaizkiela, eta emaitzak baliogabetu egiten direla zerbaitek gaizki funtzionatzen duenean. Negazionistek ahotan hartzen dute PCRen teknikaren sortzailea, ustez hark ere zalantzan jarri zuelako test horien eraginkortasuna, baina Reuters berri agentziak egiaztatu du berak ez zuela sekula halakorik aipatu. Quindosek jakinarazi du iaz hil zela Kary Mullis, teknika hori garatu zuen zientzialaria; PCRak koronabirusa detektatzeko eraginkorrak ote diren ere ezin izan du esan, beraz. Mullisi buruzko datu gehiago ere eman ditu: «Kary Mullis, beste Nobel saridun batzuk bezala, zientifiko oso kontraesankorra izan zen. Hain baliagarria den teknika hau garatzeko lan bikaina egin zuen, baina klima aldaketaren eta hiesaren negazionista zen, eta astrologian fedea zuen. Eta Zientzia ebidentzietan, datuetan, metodo zientifikoan oinarritzen da, eta ez iritzietan, nahiz eta iritzi horiek eminentzia gisa hartutako pertsonenak izan, eta are gutxiago eminentzia horien ezagutza alorra eta iritzia ematen ari diren alorra ezberdinak badira». Basarasi eta Quindosi ez zaie iruditzen PCR proben emaitzak puzten direnik larritasun handiagoa sortzeko, baina datuak irakurtzen jakin behar dela uste du Basarasek: «Egunero ematen diren datuak kautelaz hartu behar dira. Izatez, ez dute esaten zein den pandemiaren egoera, baizik eta egun bakoitzean zer gertatu den. Pandemiaren eboluzioa zein den ikusteko, askoz hobea da positiboen datuak asteka, hamabostaldika edo hilero ikustea». Administrazioek eta hedabideek ez dute beti lan hori egiten, eta eguneko positiboen datuari ematen diote atentzioa, bilakaeraren interpretazio argia egin gabe. Hortik etor liteke okerra: «Egia da positiboak ugaritzen ari direla entzuteak kezka handiagoa sortzen duela gizartean, baina, bestalde, bakoitzak hartu beharreko neurriek zorrotzagoak izan behar dutela ere ohartarazten dute datuek». Seinale bat dira, hortaz. Udatik udaberrirako koska Bigarren olatuan, egun jakinetan, udaberrian baino positibo gehiago agertu dira, eta batzuetan nahasmena sortu dute datu horiek, egoera udaberrikoa baino okerragoa izan zitekeela ondoriozta zitekeelako. Testuingurua falta izan zaie datu horiei. Udaberrian, osasun zerbitzu publikoek apenas egiten zuten PCR probarik; ez zegoen horretarako baliabiderik. Gaixoak detektatu, haien kontaktuak aurkitu, eta konfinamendu indibidualak ezartzearen estrategiak horregatik egin zuen porrot udaberrian. Udan, aldiz, materiala eskuratu dute osasun zerbitzuek, eta gaitzaren jarraipena egiteko baliabide gehiago jartzen hasi dira. Horrek eman die aukera udaberrian egin ez zutena egiteko: birusa zuen ahalik eta jende gehien detektatzea —asintomatikoak izan arren, horiek ere birusa transmiti baitezakete—, kutsatze kateak ahalik eta azkarren eteteko. Eta, horretarako, ezinbestekoa izan da PCR probak egitea. Hori da bi olatuen arteko diferentzia nagusietako bat. «Ez dut uste administrazioei interesatzen zaienik osasun arazo honetan gezurretan ibiltzea», adierazi du Basarasek. «Azken finean, denon kalterako litzateke, eta birusak sortu dituen arazo sozial eta ekonomikoak itzelak dira». Ez dira kalte sozialak eta ekonomikoak soilik. Koronabirus honek zehatz-mehatz zenbat pertsona kutsatu dituen eta zenbat hil dituen ezingo da «inoiz» jakin. «Baina denok ikusi izan dugu senide edo lagun bat nola kutsatu den, eta, zoritxarrez, nola batzuk hil diren». Pandemiaren ustezko gezur hori mantentzea oso garestia dela ere zehaztu du: «Gaixotasun honetara bideratzen den diru kopurua itzela da. Kutsatu eta hildako kopuru hori gutxitzeko txerto bat izango bagenu, oso berri ona litzateke». Emaitza horien atzean gobernuen konspirazio bat ikustea burugabea iruditzen zaio Quindosi ere. «Gobernuen kontrolari edo ez-kontrolari buruz, gauza bat komentatu nahiko nuke: horrek eskatuko luke osasun arloan eta ikerketa zientifikoaren arloan lan egiten duten milioika pertsona sartzea konspirazioan. Eta hori esatea da mundu medikoa eta zientifikoa ez ezagutzea batere, mundu horietan ez baitago pentsamendu bakar bat, eta kritika, zalantza eta eztabaida baitira garatzeko tresna ohikoenak». Quindosi harridura sortzen dio horrelako teoriak zabaltzeak, eta, aldi berean, horrelako konspirazioetan sinisten dutenek ez pentsatzeak haiek ere kontrolatuko lituzketen taldeak egon litezkeela, «adibidez, interesak izan ditzaketen talde batzuk, herritarren gehiengoak ez dezan izan aurrerapen zientifiko eta medikoen onurarik». Horrelako teorietara jo gabe ere, gobernuen politikak fiskalizatzeko «mila modu» daudela iruditzen zaio, eta eraginkorrena, herritarrek «kultura handiagoa izatea, horren barruan kultura zientifikoa sartuta». Basarasek galdera bat erantsi die gogoeta horiei: «Historian, arazo berri bat sortu izan denean, beti egon izan dira negazionistak, arazoari uko egin nahi izan diotenak. Agian euren buruari galdetu beharko liokete beldurra ez ote den ukazio horren erantzuna». Eskuak garbitzeko gela eta tenperatura hartzeko gailu bat; ohikoak bihurtu dira leku publiko, denda eta eskola askotan. BIEL ALIÑO / EFE Mugimendu negazionistek salatu ohi duten puntuetako bat izan ohi da gaitzaren sintomarik ez duten pertsonak (asintomatikoak) ez direla arriskutsuak: ez dutela gaitza kutsatzen, sintomarik ez dutelako; are gehiago, galdetzen dute zergatik jokatu behar duten gaixo baleude bezala, sintomarik ez izan arren; asintomatikoek maskarak erabiltzea eta etxean badaezpadako itxialdiak egitea zentzugabea iruditzen zaie. Adierazpen horiek ez dute oinarri zientifikorik; Miren Basaras eta Guillermo Quindos EHUko irakasle eta mikrobiologoek ez dute zalantzarik. Basarasek azaldu du birusek eta haien tankerako mikroorganismoek «gaixotasun espektro zabala» sor dezaketela, sintoma ugariekin. Eskala batean kokatu litezke ondorio horiek: COVID-19a duten pertsona batzuk asintomatikoak izan litezke, edo sintoma arinak izan ditzakete, edo larriak, edo kronikoak, edo hil egin daitezke. Momentu jakin batean asintomatikoa izateak, gainera, ez du esan nahi gerora gaixotuko ez dela. Eta garrantzitsuagoa: koronabirus honen kasuan, sintomarik ez edukitzeak ez du esan nahi pertsona horrek ezin diola mikroorganismo hori beste pertsona bati transmititu. Hori ere bada COVID-19aren ezaugarrietako bat, izan ere, eta ezaugarri horrek haren kontrola zailtzen du, gainera. Quindos: «Asintomatikoak izan zein ez, eritasuna modu arinagoan zein larriagoan izan, SARS-CoV-2 birusak infektatutakoek pertsona ez-immuneak kutsatzeko adinako karga birala dute arnas aparatutik jariatutako tantetan». Kutsatuen erdiak inguru Asintomatikoek ere birusa transmititzeko gaitasun bera dute, beraz. Sintomak izatea edo ez izatea ez baita kutsatzeko arriskua neurtzeko adierazle esanguratsua; hori baino garrantzi handiagoa du karga biralak —norberak daukan birusak zenbateko indarra duen, nolabait esanda—. COVID-19aren kasuan, gaitzaren transmisioa murriztea eta kontrolatzea zailtzen du horrek, ikusi baitute birus hau eduki arren asintomatikoak diren pertsonen kopurua altua dela. Ez dago behin betiko daturik horren inguruan, baina kasu positiboen erdiak izan litezke Nafarroan, azkeneko asteetan atzemandako kasuen %40 inguru izan dira sintomarik gabekoenak—. «Baina, sintomak izan zein ez, behin kutsatuta bagaude eta birusa gure barnean baldin badago, ondoan dauden pertsonak kutsa ditzakegu hizketan egiterakoan, arnasa kanporatzerakoan eta beste hainbat ekintzatan», zehaztu du Basarasek. Umeak ere kutsatzen direla azaldu dute; agian gutxiago, baina kutsatzen dira, negazionistek erlatibizatzera jotzen duten arren. «Beharbada izango da haien arnas aparatuan ACE2 hartzaile gutxiago daudelako S proteinarentzat, eta hori da koronabirusaren giltza zeluletan sartzeko», azaldu du Quindosek. «Gainera, helduek eta batez ere adinekoek baino koadro kliniko arinagoak izan ohi dituzte haurrek. Edonola ere, orain arteko datu guztiek erakusten dutenez, heldu batek bezalaxe transmiti dezakete gaitza haurrek». Bat dator Basaras, eta «edozein» kutsa daitekeela erantsi du: «Berdin du zein adin, sexu edo kondizio izan». Baina ume gehienak asintomatikoak izateak edo koadro kliniko arinagoak izateak ez du esan nahi beti horrela denik: «Ikusi dira ume batzuk koronabirusarengatik ezohiko pneumoniak edo organo batzuetan hanturazko sindromeak izan dituztenak». Neurria eman behar zaio: gutxitan gertatzen da, baina badira halako kasuak ere. Garrantzitsua iruditzen zaie asintomatikoei ere azterketa egitea, kasu horiek ere testekin detektatzea, ahal den neurrian bakartzea, haiek ere maskarak erabiltzea... Sintomarik ez duen jende askok birusa transmiti baitezake oharkabean. Basaras: «Sintomak hain larriak direnez, gaitza mundu osora zabaldu denez, hildakoen kopurua altua denez, tratamendu eraginkorrik ez dugunez, immunizazio maila eskasa denez, eta pandemia batean murgilduta gaudenez, lortu behar da birusaren transmisioa ahalik eta gehien kontrolatzea, eta horregatik hartzen dira prebentzio neurri zorrotzak, sarritan herritarren gustukoak ez izan arren ezinbestekoak direlako transmisioa eteteko». Hiesarekin alderatu du: «Hiesaren garai gogorretan hartu ziren prebentzio neurri zorrotzek lortu zuten sexu bidez transmitituriko gaixotasun askoren zabalpena etetea; adibidez, sifilisa edo gonorrea». Negazionistek ez diote zentzurik ikusten asintomatikoei beste gaixoei adinako kontrol neurriak jartzeari, eta kontrol neurri hutsa direla salatzen dute. Mikrobiologoei burugabea iruditzen zaie argudio hori. Honela erantzun du Quindosek: «Gizarte bat kontrolatzeko kanal eta mekanismo anitz dituzte gobernuek. Inozo samarra iruditzen zait pentsatzea osasun neurri prebentibo batzuk direla kontrol mekanismo garrantzitsuenak, badaudenean efikazagoak eta diskretuagoak diren metodo teknologiko eta psikologikoak. Edozein gobernuren kontrol autoritarioa saihestu behar baldin bada, hau da benetan garrantzia duena: herritarrek kultura demokratikoa izatea eta gobernuei gardentasuna eta egiazkotasuna exijitzea haien jardunean, pandemiak gertatu edo ez». COVID-19a zabaltzen hasi zenean, sarritan egin zen konparazioa gripearekin, hasierako sintomak antzekoak zirelako. Gerora ikusi da birus batek eta besteak eragin ditzaketen kalteak ez direla igualak, inondik inora ere. Baina hasierako ideia hark indarra du oraindik ere, eta korronte negazionistek haien erara erabiltzen dute, koronabirusari buruz agertzen ari diren ebidentzia berriei kasu eman gabe. Negazionistek esan ohi dute gaitz hau dutenetatik gehienak berez sendatzen direla, larritzen direnei erreparatu gabe. Pandemiaren gailurra gripearena bezala jaitsi zela ere esaten dute, eta neurririk batere gabe ere gaitzaren eragina murriztuko zela, kurba hori jaisteko hartutako salbuespenezko neurrien eragina aintzat hartu gabe. Haien esanetan, munduko gobernuek nahita puzten dute koronabirusaren eragina eta larritasuna, gizarteak beldurtuta edukitzeko, eta, hartara, kontrol neurriak errazago onar ditzaten. Baina COVID-19a gripea baino aiseago transmititzen da, hilgarriagoa da, gripeak baino organo edo sistema gehiagori eragiten die zuzenean, eta luzerako kalte larriagoak eragin ditzake, Miren Basaras eta Guillermo Quindos EHUko irakasle eta mikrobiologoek esplikatu dutenez. Basaras: «Hasieran uste zen COVID-19a gripearen antzekoa zela, baina, hilabeteak aurrera joan ahala eta ospitaleetara gaixoak ailegatu ondoren, ikusi da gaixotasun berri hau, gripearekin alderatuz, guztiz ezberdina dela klinikoki. Biek eragin ditzakete sukarra, ondoeza, arnasa hartzeko ezintasuna... Biek ezohiko pneumoniak sor ditzakete, edota bihotzeko kalteak ere bai. Baina COVID-19a dutenen artean ikusten dira beste sintoma kliniko asko gripearekin ikusten ez direnak, hala nola giltzurrunetako arazoak, biriketako kalte sakonak, dastamenaren edo usaimenaren galera, tronboak, iktusak, eta abar». Azalpen hori aski da bi gaitzen arteko diferentziak ikusteko, eta konturatzeko koronabirus honek kalte larriagoak eragin ditzakeela batzuetan, baina bada beste puntu bat gaitz honen larritasuna agerian uzten duena: gaixo batzuei luzerako ondorioak uzten dizkie gaitza pasatu eta testetan negatibo eman ondoren ere. Nekea, buruko mina, sukar iraunkorra... Oraindik ez dakite zergatik erantzuten duten gaixo batzuek horrela gaitza igaro ostean. Oraindik ez da erabat ezagutzen koronabirus berri honen portaera, baina orain arte egin diren ikerketetan agerian gelditu da gripe arruntak baino hilgarriagoa dela, eta aiseago kutsatzen dela. Gripe arruntak %0,1eko kutsatze tasa du, eta koronabirusak, orain arte ezagutzen denaren arabera, %1 ingurukoa; COVID-19a hamar bat aldiz errazago kutsatu liteke, hortaz, orain arteko ezagutzaren arabera. Koronabirus hau gripe arrunta baino hilgarriagoa ere bada. Quindosek eman du datua: «Gaixotuen %0,5 eta %1,5 artean hiltzen ditu COVID-19ak, eta hilgarritasun hori sasoiko gripeek dutena baino handiagoa da, horien hilgarritasuna %0,2 ingurukoa baita. 1918ko gripeak, Errusiako gripeak edo Asiako gripeak zuten hilgarritasunetik gertuago dago koronabirus hau, gripearenetik baino; kasu batzuetan %2tik gorako hilgarritasuna izan zuten haiek, eta munduko biztanleriaren herenari eragin zioten». Adinaren arabera ere aldatzen da hilgarritasun tasa; 70 urtez gorakoetan, atzemandako gaixoen %3 eta %8 artean hil litezke. Puntu horretara iritsita, esplikatu behar da zer den hilgarritasuna: gaitz bat harrapatzen duten pertsonetatik, gaitz horren eraginez hiltzen direnen ratioa edo tasa. Ezinezkoa da tasa hori erabat zehaztea gaitz guztientzat, zeren horretarako jakin beharko bailitzateke gaitz bakoitzak zehazki zenbat jende kutsatu duen eta zenbat jende hil duen. Baina orain arte bildutako datuek eta egindako kalkuluek erakusten dute, edozein moduz, gripe arruntak baino gehiago hiltzen duela koronabirus honek; kasurik onenean, hiruzpalau aldiz gehiago, eta kasurik txarrenean, ia hamar aldiz gehiago. Bada Hego Euskal Herriko datu esanguratsu bat, COVID-19aren larritasuna agerian jartzen duena. Erregistro zibilek jasotzen dituzte egunero-egunero hiltzen diren pertsonen datuak. Estatistika horri erreparatuz gero, aurtengo udaberrian —martxoan eta apirilean— espero ziren baino 2.000 heriotza gehiago —gutxienez— gertatu dira. Bestela esanda, aurtengo martxoan beste inoizko martxoetan baino askoz jende gehiago hil da, eta aurtengo apirilean beste inoizko apiriletan baino askoz jende gehiago hil da, azpiko grafikoak erakusten duenez. Eta koronabirus hau gabe nekez ulertzen da heriotzen hazkunde izugarri eta bat-bateko hori. Ipar Euskal Herrian ez da gehiegizko heriotzarik gertatu, gaitza gutxiago zabaldu baita han. Hego Euskal Herrian ere badira diferentziak: Gipuzkoan txikiagoa izan da heriotzen gorakada. «Hildakoen zifra hori hurrengo hilabeteetan eta urteetan jaitsiz joango dela espero da», zehaztu du Basarasek: «Zergatik? Oraintxe bertan, birus berri baten aurrean gaudenez, ez daukagulako inolako immunitaterik edo oroimenik [gorputzean] horren kontra. Denborak aurrera egin ahala, gero eta pertsona gehiago egongo dira immunizatuak, eta, horren ondorioz, hildakoen kopurua gutxituz joango da, koronabirusaren birulentzia mantenduko den arren». Botiketan eta tratamendu egokietan ezagutza handitzeak eta balizko txertoak ere lagunduko lukete horretan. Negazionistek, hala ere, zalantzan jartzen dute koronabirus honek zuzenean horrenbeste pertsona hil dituela. Ez negazionistek soilik; herritar askok ere galdetzen diote beren buruari pandemiaren inguruan sortu den larritasunak eta hartu diren muturreko neurriek zenbaterainoko eragina izan duten heriotzetan. Zeharkako kalte horiek izan direla onartzen dute adituek: «Egia da, gure ospitaleak COVID-19 gaixoekin gainezka egon zirenean, beste patologia batzuk zituzten gaixo asko ez ziren joan ospitaleetara, edo kontsultak atzeratu egin ziren (kirurgiak, minbiziaren detekzioak edo tratamenduak...)», esplikatu du Basarasek, baina erantsi du horrek eragindako heriotza kopurua gutxienekoa izan dela koronabirusak zuzenean eragindako heriotzen aldean. «Pertsonak arrazoi askorengatik hiltzen dira, baita beldurraren eraginez ere», erantsi du Quindosek: «Dena den, pandemia guztiek estres soziala eta pertsonala eragiten badute ere, eta horrek pertsona batzuei ondorio psikologikoak eragin badiezazkieke ere, ez dago datu bakar bat ere adierazten duena jende kopuru esanguratsu bat hil dela alarmaren gehiegikeriagatik». Alegia, gaitzak bai, hil duela jende kopuru handi bat, baina ezin dela esan larritasuna sentitzeagatik jende kopuru handi bat hil dela, ez baitago horren ebidentziarik. Beste leku batean jarri nahi du arreta Quindosek: «COVID-19aren beste zeharkako ondorio bat da ez bideratzea baliabide sanitarioak eta ekonomikoak beste arazo larri batzuetara. Ziurrenik, pertsona asko, adinekoak batez ere, pandemiaren aste gogorrenetan hilko ziren COVID-19ak okertu egin zuelako aurretik zuten osasun egoera, gaitz kroniko larriak zituztelako». Hala ere, Quindosek uste du itxialdia, maskarak, distantzia fisikoa eta higienea erabakigarriak izan direla, eta egoera kalteberan edo arriskutsuan zeudenei, azkenean, kalte baino mesede gehiago egin diela. Erizain bat, gazte bati txertoa ematen, Brasilen. Umeak txertatzeko ohiko kanpainetan jaitsiera nabaritzen hasi dira aurten. FERNANDO BIZERRA JR / EFE Ez da mugimendu negazionisten auzia soilik: Mendebaldeko gizarteetan txertoen eraginkortasunari eta txerto batzuek sortzen dituzten kalteei buruzko eztabaidak baziren lehendik ere, eta nabaritu da ia desagertuak zeuden gaitz batzuk berriro agertu ere egin direla. Ez da koronabirus honi lotutako arazo bat soilik, beraz; konplexuagoa da txertoen auzian azkenaldian sortutako eztabaida. Edozein moduz, COVID-19aren pandemia kontrolpean hartzen ahalegintzeko bitarteko askorik ez dago. Funtsean, bi bide daude: gaitzari zabaltzen uztea berez immunizatu arte —jakinik milioika pertsona hil litezkeela eta milioika gehiago ospitaleratu, eta berezko immunizazioa ez dela segurua—; edo birusaren transmisioa ahal den neurrian txikitzen saiatzea —orain indarrean diren neurriekin eta konfinamenduekin, gogorrago edo arinago, egoeraren arabera, jakinik kalte ekonomikoak, emozionalak, psikologikoak... eragin ditzakeela—. Bigarren bide hori hartu dute munduko gobernu gehienek, arrakasta handiagoa edo txikiagoa lortuta, denek ez dituztelako baliabide berak, denek ez dutelako eraginkortasun eta argitasun berarekin lan egin, eta leku bakoitzean ezberdina izan delako eta delako gaitzaren zabalkundea. Edonola ere, bide horrek aliatu bat beharko luke sortutako neurri zorrotzak arintzeko: txertoa. Hori gabe, transmisioa murrizteko indarrean dauden neurriek ez dute amaiera argirik. Negazionistek, ordea, zalantzan jartzen dute txertoaren garrantzia. Iruditzen zaie txertoek konpontzen dituzten baino kalte handiagoak eragiten dituztela, eta bat egiten dute, horretan, naturistekin eta homeopatian edo medikuntzaren bide alternatiboetan dabiltzanekin, besteak beste. Txertoen atzean dauden negozio interesak ere salatzen dituzte. Eta areago ere jotzen dute: txertoak gehien jartzen diren lekuetan COVID-19ak heriotza gehiago sortu dituela ere esan izan dute. Laburtuz: koronabirusak sor ditzakeen kalteak arinagoak iruditzen zaizkie, haren transmisioa kontrolatzeko indarrean dauden neurriak eta etorkizunean etor litezkeen balizko txertoak baino. Uste horiek ez dute helduleku zientifikorik, Guillermo Quindos eta Miren Basaras EHUko irakasle eta mikrobiologoen esanetan. Quindos: «Guztiz kontrara. Birusak (elgorriaren hirukoitza, parotiditis-paperena eta errubeolarena) dituzten txertoak edo bakterio ahulduak (Calmette-Guerinen baziloa) dituzten txertoak gehien erabiltzen dituzten herrialdeetan izan dituzte COVID-19aren kasu larri gutxiago. Orain ikertzen ari dira tuberkulosiaren kontrako txerto esperimental batzuek COVID-19aren kontra ere babes eragina izan ote dezaketen». Mendebaldeko herrialde askotan —txerto gehien darabiltzatenetan— COVID-19ari lotutako heriotza gehiago zergatik agertu diren azaldu du Basarasek, eta ez du zerikusirik txertoekin. Zehaztu du Afrikan eta munduko beste herrialde pobretu gehienetan askoz test gutxiago egiten direla eta, beraz, ezin dela jakin zenbat jende hil duen koronabirus honek leku horietan. «Hori argi edukita, normala da txerto gehien ematen diren lekuetan jende gehiago hiltzea COVID-19ak jota. Zergatik? Lurralde aberatsagoak direlako eta, beraz, test gehiago egin dituztelako, eta badakitelako zergatik hil diren pertsona horiek. Hego Amerikan edo Afrikan ez dute inoiz jakingo zergatik hil diren azkeneko hilabeteetan hil diren gehienak, ez baitiete testik egin». Leku jakin batean emandako txerto kopurua eta COVID-19ak hildakoen kopurua konparatzea, beraz, zentzurik gabeko ariketa iruditzen zaio. Kontrakoa, gaitzak kontrolatzen ahalegintzeko bitarteko bakanetako bat dira txertoak, zientzialarien esanetan. Ez koronabirus honentzat bakarrik: txertoek oro har duten balioa nabarmendu dute bi adituek. «Txerto batek kontrako ondorioak sortzeko arriskua beti hor dago», onartu du Quindosek: «Baina, ondorio kaltegarri gehien sortzen duten txertoak hartuta ere (adibidez, sukar horiaren eta errabiaren kontrako txertoak), gaitz horiek sor ditzaketen baino kalte arinagoak dira txertoek sor ditzaketenak». Txertorik gabe kalteak handiagoak liratekeela, alegia. «Txertoek milioika heriotza eragozten dituzte urtero». Milioika heriotza gutxiago Zenbakietan jarri du Basarasek: «Azken belaunaldietan erabilitako txertoei esker, mundu osoan urtero bi-hiru milioi heriotza baino gehiago eragozten dira». Txertoak garatzeko prozeduretan jarri du arreta, ziurrak direla nabarmentzeko: «Txerto bat merkatuan jartzen denerako, saiakuntza kliniko asko pasatu behar izan ditu jakiteko segurua eta eraginkorra dela». Eta nabarmendu du gaitz asko kontrolpean hartzeko bidean jarri direla munduan txertoei esker. «Immunizazio programak ezarri diren lurraldeetan, immunizazio horri esker prebenitu daitezkeen gaixotasunak %95 gutxitu dira, hala nola polioa, elgorria, errubeola, difteria... Baztanga, adibidez, lortu izan da desagerraraztea txerto bati esker, eta polioa bide horretatik doa». Beste gai bati ere erantzun dio Quindosek, konfinamendu gogorragoak izan dituzten herrialdeetan COVID-19ari lotutako heriotza gehiago gertatu direla ere esaten baitute negazionistek. «Ez dago adierazle bakar bat ere erakusten duena konfinamendu zorrotzek hilgarritasun tasa handitzen dutela. Egia da konfinamenduek kolpe larriak egiten dizkietela eguneroko bizitzari eta ekonomiari. Aintzat hartu behar dira ondorio suntsigarri horiek, eta konfinamenduak mugatu egin behar dira, saihetsezinak direnerako bakarrik utzita. Muturreko erabaki bat da, eta asko neurtu behar da haren erabilera». Hala ere, eta oraingoz behintzat txertorik izango ez denez, itxialdiak garai jakin batzuetan ezinbestekoak izango direla iruditzen zaio Quindosi, eta eraginkorrak direla gainera: «Koronabirusaren transmisio komunitarioa handitzen den garaietan, egoera asko zailtzen ari dela ikusten dugunean, eta sumatzen dugunean ezin diogula kontu egin —ez dugulako txertorik oraindik, edo ez dugulako botika antibiriko efikazik—, eta osasun sistema kolapsatzeko arrisku larria dagoela konturatzen garenean, seguru asko, konfinamenduak ezartzea beharrezkoa izango da». Quindosek gogorarazi du hain justu osasun sistemak kolapsatzeko arriskua ekarri duela COVID-19ak, eta osasun sistemek gainezka egiten dutenean heriotza gehiago gertatzen direla, bai patogeno horrek berak zuzenean eraginda, bai bestelako gaixotasun larriak izan ditzaketen beste pertsona batzuek arreta kaskarragoa jasotzen dutelako. «Gainera, osasun sistema bat pitzatzeak berekin ekartzen du kalteberagoak diren herritarren arreta okertzea: umeak, adinekoak, haurdunak... Eta arreta okertze horrek ere heriotza tasa handitzen du». Konfinamenduak, zuzenean, ez du inor hiltzen, baina osasun sistema kolapsatzeak bai. Eta gogorarazi du osasun sistema zaintzeko ezarri izan direla konfinamenduak. Berriro ere ezartzekotan, hori bai, aholkatu du itxialdi horiek garaiz abisatzea, «herritarrek prestatzeko denbora izan dezaten», haien iraupena mugatua eta zehatza izatea, eta herritarrei informazioa argi ematea. Donostiari 1813an su eman ziotela oroitzeko Dora Salazarrek egindako eskultura, maskara jantzita. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU COVID-19aren inguruan munduko gobernuek iruzur bat antolatu dutela iruditzen zaie pandemiaren negazionistei. Esaten dute gaitz berri hori ez dela hain larria, eta gobernuek nahita ematen dutela egiaz den baino irudi larriago bat, konfinamenduekin, maskarekin eta bestelako salbuespenezko neurriekin munduko biztanleria kontrolatzeko. Maskarak egon ohi dira salaketa horietako askoren erdian; derrigorrez eta beti erabiltzeko aginduak kendu nahiko lituzkete mugimendu horiek, eta, hori aldezteko, argudio sorta zabala erabiltzen dute. Herritar askoren artean zabaldu ere egin dira maskaren inguruko zalantzak horrela: benetan ez dutela balio gaitzari aurre egiteko, mesede baino gehiago kalte egiten dutela, norberak isuritako karbonoa arnasten dela, OME Osasunaren Mundu Erakundeak berez ez duela agindu maskarak derrigorrez beti eta guztiek erabiltzeko... Horrelakoak eta antzeko argudioak erabiltzen dituzte. Bestela ere, herritar askori zalantzak sortu zaizkio, Hego Euskal Herrian maskarak derrigorrezkoak izan arren udan birusak hedatzen segitu duelako. Eta Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak pandemiaren hasieran maskarak ez zirela beharrezkoak esan izanak ez du lagundu pedagogia egiten; arazoa zen garai hartan ez zeudela aski. Guillermo Quindos eta Miren Basaras EHUko irakasle eta mikrobiologoek ez dute zalantzarik: «Maskarak eraginkorrak dira SARS-CoV-2 koronabirusaren eta arnas sistemako beste birus batzuen aurka, adibidez gripearen transmisioa blokeatzeko». Quindosek datu berri bat nabarmendu du: planetaren hego hemisferioan negua pasatu dute, eta ikusi dute (Australian, Zeelanda Berrian, Hegoafrikan...) sasoiko gripea izugarri murriztu dela eta askoz heriotza gutxiago eragin dituela. Koronabirusaren aurkako neurrien albo ondorioa izan da. Ez da hori gertatu maskarengatik soilik; distantzia fisikoak eta higieneak ere eragina dute. Inork ez daki seguru udazkenean eta neguan hemen zer gertatuko den, baina, hego hemisferioan gertatu dena ikusita, Quindosi iruditzen zaio frogatua dagoela maskaren eta neurri horien eraginkortasuna: maskarak, distantzia eta higienea aplikatzen diren tokietan, asko zailtzen da birusen zabalkundea. Eraginkortasunari buruzko dudak uxatuko lituzke horrek. Ideia bera nabarmendu du Basarasek: «Arnasbidetik kanporatzen den edozein mikroorganismo kontrolatu ahal izateko, maskarak dira prebentzio neurri garrantzitsuetako bat». Quindosek zehaztu du maskaren erabilera orokorra izateak indartu egiten duela haien eragina; adibidez, itxitako gela batean bost pertsonatik bakarrak badarama maskara, kutsatze arriskua zerbait arinduko da, baina bostek jantzita badaramate, kutsatze arriskua askoz gehiago murriztuko da. Bestalde, agerikoa da maskara modelo bakoitzak eraginkortasun ezberdina duela. Pandemia hasi aurretik ere ezagun zen hori. Segurtasunik handiena FFP3 eta FFP2 erakoek ematen dute; koska bat beherago daude kirurgikoak. Etxean egindako maskaren edo telazko bestelako maskaren eraginkortasuna ezberdina izango da, segun eta nolako materialekoak eta formakoak diren eta filtroak dauzkaten edo ez. Basarasek gogorarazi du maskarak erabiltzeko era ere garrantzitsua dela: «Argi dago maskarek, ondo erabilita, transmisio arriskua gutxitzen dutela, baina, gaizki erabiliz gero, mesede baino gehiago kalte egiten dute». Ondo jantzi behar dira, saiatu behar da maskara eskuetan ez erabiltzen, maskaren iraupena aintzat hartu behar da, eskuak garbitu behar dira jantzi eta kendu aurretik eta ondoren... Arriskua ez da bera leku guztietan, horrela gogorarazi du Basarasek: «Koronabirus hau, beste birus asko bezala, edozein lekutan eta ekintzatan kanporatu dezakegu». Erreferentzia bat eman du, British Medical Journal aldizkariak egin duen ikerketa bat, zeinean zehazten baita jarduera edo ekintza bakoitzaren eta jarduera hori egiten den leku bakoitzaren arabera birusak transmititzeko arriskua zenbaterainokoa den. Esaterako, arriskua ez da bera builaka edo baxu hitz eginez gero; eta arriskua ez da bera leku itxietan eta aire zabalean. Hori ere aintzat hartu behar da, maskara jantzita ere jarduera eta toki jakin batzuetan kutsatzeko arriskua handiagoa izan litekeelako. Karga biralaren garrantzia Izan ere, maskara eramateak ez du arriskua ezabatzen. Baina kutsatzeko baldintza okerrenetan ere transmisio arriskua murriztu egiten dute, eta horri lotuta dago orain aztergai dagoen hipotesi bat, Quindosek azaldu duenez: uste da maskarak jantziz gero kutsatzeko arriskua duten pertsonek karga biral txikiagoa jasotzen dutela, eta, birusa harrapatuta ere, sintomak arinagoak direla. «Baieztatu nahian ari dira maskaren erabilerak eragiten duela kutsa litezkeen pertsonek karga biral gutxiago jasotzea eta, ondorioz, ez infektatzea, edo infektatzea baina sintoma arinak izatea». Gero eta ikerketa gehiagotan ari dira ikusten kutsatzean jasotako karga biralaren garrantzia; zenbat eta karga txikiagoa jaso, eritzeko edo larritzeko arrisku txikiagoa, hori uste da. «Argi bereizi behar dugu ez dela gauza bera kutsatuta egotea eta gaixorik egotea. Eta hipotesi hori baieztatuko balitz, maskaren erabilera prebentiboaren balioa oraindik eta agerikoagoa litzateke», Quindosen esanetan; maskarek karga biralaren transmisioa txikitzen dutela esan nahiko bailuke. OMEk maskarei buruz esandakoei eta esan gabekoei buruz ere ñabardurak egin dituzte Basarasek eta Quindosek. «OMEk aholkatu egin du maskarak erabiltzea, eta nola erabili ere bai. Gobernuek aholku horiek egokitu egiten dituzte beren egoerara», azaldu du Quindosek. Ñabardura erantsi dio Basarasek: «OMEren neurriak mundu osoan hartu beharko lirateke, baina herrialde guztietako osasun egoera ez da bera, eta bakoitzak dituen baliabideak ere ez. Horregatik, nahiko zaila da OMEk esatea maskarak erabili behar direla mundu osoan, ezin baita bete arau hori. Hala ere, OMEk onartu du maskaren erabilera ezinbestekoa dela eta ahalik eta gehien erabili behar dela». Alegia, kontua dela OMEk ez duela agindu maskarak derrigortzeko, badakielako leku askotan ezingo dela agindu hori bete, udaberrian hemen gertatu zen bezala. Quindosek onartu du badirela maskarek kalte egin diezaieketen pertsona batzuk. «Oso gutxi dira: arnasteko arazoak dituztenak, arazo psikologikoak dituztenak, edo beste era bateko arazoak: adibidez, hizketarako edo entzuteko ezintasunak dituztenak. Horiei kalte egin diezaieke, baina haientzat ere askoz larriagoa izango zatekeen COVID-19 koadro larri edo larri samar bat edukitzea, maskarek eragin diezaiekeen kaltea baino; baina argi dago kasu horientzat ere alternatiba egokiak bilatu beharra dagoela». «Maskaren beste arazoa da nola ezabatzen diren», seinalatu du Quindosek. Azkeneko hilabeteetan hondakin tonak sortzen ari dira maskarekin eta. «Baina hori, osasun arazo bat baino gehiago, heziketaren eta kontzientziazio ekologikoaren arazo bat da».
2020-9-29
https://www.berria.eus/albisteak/187577/torra-laquonegoziazio-mahaiak-amnistia-legea-eztabaidatu-behar-duraquo.htm
Mundua
Torra: «Negoziazio mahaiak amnistia legea eztabaidatu behar du»
Bost pertsona atxilotu dituzte bart izan diren protestetan. Bozak otsailaren 7an izango direla ziurtzat jotzen du ERCk.
Torra: «Negoziazio mahaiak amnistia legea eztabaidatu behar du». Bost pertsona atxilotu dituzte bart izan diren protestetan. Bozak otsailaren 7an izango direla ziurtzat jotzen du ERCk.
Espainiako Auzitegi Gorenak inhabilitatu ondorengo egunean, Lledonerseko espetxera joan da Quim Torra atzo arte Kataluniako presidente izan dena. Bertan preso dauden buruzagi independentistekin elkartu da. Kartzelatik irteterakoan, amnistia lege bat babesteko eskatu die Espainiako Gobernuari eta Kataluniako alderdi politikoei, «preso politikoentzat eta 2.850 errepresaliatuentzat». Torraren esanetan, Kataluniako gatazkaren konponbideak ezinbestean jaso behar ditu amnistia eta autodeterminazio eskubidea. Hori dela eta, nabarmendu du Generalitatearen eta Espainiako Gobernuaren arteko elkarrizketa mahaiak bi puntu horiek jaso beharko lituzkeela gai ordenean. «Gertatzen ari zaigun guztiarekin ere, elkarrizketa mahai horretan gaude, baina autodeterminazioari eta amnistiari buruz hitz egiteko. Idatziz ikusi nahi dugu. Nahikoa da ustezko elkarrizketa bat irudikatzeko argazki eta bilera antzuez». Presidente inhabilitatuari elkarrizketa mahaiaren parte izan beharko ote lukeen galdetuta, kazetariei erantzun die hori bere kideek erabakiko dutela. Bestalde, presidente ohiak itxaropen urria agertu du Espainiako Auzitegi Konstituzionalean aurkeztu berri duen helegitearekiko. Ez du uste Gorenaren atzoko epaia indargabetzeko balioko duenik. Adierazi duenez, independentista kataluniarrek ezin dute justiziarik jasotzea espero Espainiako auzitegietan. Aldiz, Europako justiziak arrazoia emango diola ziurtatu du. Konstituzionalak urriaren 6an aztertuko du presidente ohiaren helegitea. Gobernuen arteko elkarrizketa mahaiaren aldeko apustua berretsi du ERCk, Torraren kontrako epaiaren biharamunean. Gabriel Rufian Espainiako Kongresuko diputatuaren esanetan, «aurkariek» beti izan behar dute hitz egiteko bide bat zabalik, baita «gerra» egoera ere. ERCko ordezkariak elkarrizketa mahairako jarrera bateratu bat adosteko eskatu dio JxCri. Independentismo guztia bilduko duen akordio bat lortzearen alde mintzatu da. «Ez luke zentzurik negoziazio horretara jarrera desberdinekin joateak». Jarrera erabat kontrajarria da, ordea, CUPena. Mireia Vehí Espainiako Kongresuko diputatuak elkarrizketa mahaitik altxatzeko galdegin die JxCri eta ERCri. Haren esanetan ez litzateke ulergarria foro horretan parte hartzen jarraitzea, «[Espainiako] gobernuaren politika errepresioa denean». Elkarrizketa mahaia biltzeko prest jarraitzen duela esan du PSOE, Adriana Lastra Kongresuko bozeramailearen ahotik. Ziurtatu duenez, gobernuak elkarrizketaren aldeko apustua egingo du, eta Generalitateari egotzi dio azken asteetan elkarrizketa mahaia bildu ez izanaren ardura. Horrez gain, Katalunian bozetara ahalik eta lasterrena deitzeko eskatu dio Generalitateari, «aro politiko berri bat» hasi ahal izateko. Hain justu, Auzitegi Gorenaren epaiak legealdiaren amaiera behartuko du Katalunian. Torra inhabilitatu ostean, parlamentuak bi hilabeteko epea izango du beste presidente bat izendatzeko. Baina alderdi independentistek iragarria dute dagoeneko ez dutela hautagairik aurkeztuko, eta, beraz, epea agortuko dutela. Hala egindakoan, automatikoki deituko dute hauteskundeetara, legeak hala aginduta. Deialditik 54 egunera izango dira bozak. Gaur bertan, Sergi Sabria ERCren parlamentari taldeko buruak adierazi du otsailaren 7an izango liratekeela: «Matematika kontua da». Hauteskundeak egin artean, Pere Aragones presidenteordeak hartuko du Torraren tokia, behin-behinean eta eskumen mugatuekin. Hala adostu zuten Junts per Catalunyak eta ERCk Generalitateko buruaren inhabilitazioaren berri jakin aurretik. Sabriak azaldu duenez, ordea, inhabilitazioaren erabakia aldizkari ofizialean agertu zain daude, Aragones lanean hasteko. Bost atxilotu Torraren inhabilitazioak protestak eragin zituen atzo iluntzean Katalunian. ANCk, Omniumek eta CDRek mobilizazioak antolatu zituzten. Azken horiek Bartzelonan egin zuten manifestazioak, bost pertsona atxilotu zituzten Mossoek. Istiluak 21:15 inguruan hasi ziren, manifestariak Ciutadellako parkera heldu zirenean. Haietako batzuk sarrerako ateak indarrez zabaltzen ahalegindu ziren, Kataluniako Parlamenturaino heltzeko. Barruan, hainbat objektu jaurti zizkieten bidea mozten ari ziren mossoei. Segurtasun indarrek ohartarazi zieten gelditu ezean esku hartuko zutela. Hala, minutu gutxira parketik kanpo zeuden manifestari guztiak. Zenbaitek, baina, Sant Pere kalerantz jo zuten, eta errepidea moztu zuten gurutzatutako edukiontziekin.
2020-9-29
https://www.berria.eus/albisteak/187578/txibitek-esan-du-egoera-kontrolatuta-dagoela-nafarroan.htm
Gizartea
Txibitek esan du egoera «kontrolatuta» dagoela Nafarroan
Positibo «asko» izan arren konfinamendu orokorrik ezartzeko asmorik ez dutela adierazi du
Txibitek esan du egoera «kontrolatuta» dagoela Nafarroan. Positibo «asko» izan arren konfinamendu orokorrik ezartzeko asmorik ez dutela adierazi du
Nafarroan COVID-19a atzemateko PCR testetan agertzen ari den positibo kopurua kezka handia eragiten ari da egunotan. Azkena egindako zenbaketan, esaterako, egindako proba guztien %8,4k eman zuten positibo, eta ehuneko horrek goian darama bolada bat. Horiek horrela, Nafarroako egoera Madrilgoarekin —han ere kezka handia dago positiboen igoerarekin, eta autonomia erkidegoa berriz konfinatzeko eskeak ugariak dira— konparatu dute egunotan hainbat eragilek. Erantzun egin die Nafarroako Gobernuko lehendakari Maria Txibitek: esan du Espainiako autonomiarekin alderatuta Nafarroan erietxeetako okupazio tasa baxuagoa dela, eta positiboen aztarna jarraitzeko test gehiago egiten dituztela: hain zuzen ere, estatuko batez bestekoaren «bikoitza». Horiek horrela, Nafarroan kasu «asko» izan arren, bi erkidegoetako egoera ezin dela «erkatu» uste du. Gaur goizean egin ditu adierazpenak. «Egoera kontrolatu bat daukagu, eta, erabakiak hartu behar badira, ez dugu zalantzarik egingo», adierazi du Txibitek. Nafarroa osoa konfinatzeko asmorik ez dutela esan du, eta heldu den asteotan datuen eboluzio baikor bat espero dutela, gainera. «Ezin da ukatu; datu positibo asko ditugu, hori egia da. Igaro asteotan igoera nabarmena izan da; baina uste dut, datorren astetik aurrera, ez-festen gaia atzean utzita, beste datu batzuk izaten hasiko garela, hobeak». Egoeraren «jarraipen» zehatza egiten ari direla esan du, eta neurriak hartzen ari direla. Atzo arratsean, kasurako, Faltzesen eta Funesen konfinatze neurriak hartu zituzten, aurreko astean Azkoienen egin zuten era berean. «Ea modu horretan egoera aldatzea lortzen dugun», azaldu du Txibitek. Beste hainbat udalerritara begira ere, adi-adi daudela onartu du eta hel daitezkeela tankerako erabaki gehiago. «Gehiegizko igoera ikusten dugun aldiro, neurriak hartuko ditugu».
2020-9-29
https://www.berria.eus/albisteak/187579/nbeko-segurtasun-kontseilura-eramango-dute-armenia-eta-azerbaijanen-arteko-gatazka.htm
Mundua
NBEko Segurtasun Kontseilura eramango dute Armenia eta Azerbaijanen arteko gatazka
Ateak itxita eztabaidatuko dute gaia; Armeniak iragarri du «kontraeraso proportzionala» prestatzen ari dela.
NBEko Segurtasun Kontseilura eramango dute Armenia eta Azerbaijanen arteko gatazka. Ateak itxita eztabaidatuko dute gaia; Armeniak iragarri du «kontraeraso proportzionala» prestatzen ari dela.
«Hil ala biziko gerra bat da hau», ohartarazi du Arayik Harutyunyanek, Karabakh Garaiko buruzagiak. Igandean piztu ziren borrokak, Azerbaijanek de facto independentea den eta Armeniaren babesa duen eskualdea bonbardatu ostean. Berehala erantzun zuen Erevanek Azerbaijango armadaren helikoptero bat botaz. Karabakh Garaiko iturrien arabera, ehun inguru dira dagoeneko hildakoak, tartean zibilak. Armeniako Defentsa Ministerioko eledun Artsrun Hovhannisianen esanetan, atzo arratsaldean «erasoaldi handi bat» abiatu zuen Azerbaijanek hego eta ipar-ekialdetik. «Karabakheko Defentsa Armadako 26 kide hil zituzten», salatu zuen Hovhannisianenek. Hala, «kontraeraso proportzionala» prestatzen ari direla iragarri du Armeniako Segurtasun Kontseiluak komunikatu batean. Bien bitartean, Frantziak eta Alemaniak NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseilura eraman dute gatazka, eta gaur iluntzean eztabaidatuko dute gaiaren inguruan, ateak itxita. Nazioartea ahaleginak egiten ari da su-eten bat lortzeko. Azerbaijango presidentea prest agertu da horretarako, betiere nazioarteko araudiaren arabera eta Armeniako tropak «lurralde okupatuetatik irten ostean». Bakuk Armeniari egozten dio erasoaldiak hasi izana. Ilhan Aliev presidentearen esanetan, Armeniako estatuburuak Azerbaijango mugako erasoaldiak eta Turkiaren esku hartzea salatu ostean, jakin zuten eurek Erevanek «gerrarako asmoak» zituela.
2020-9-29
https://www.berria.eus/albisteak/187580/absolbitu-egin-dituzte-bankiako-auzipetu-guztiak.htm
Ekonomia
Absolbitu egin dituzte Bankiako auzipetu guztiak
Rodrigo Rato ministro ohiak eta beste akusatuek bankuaren burtsaratzean iruzurrik ez zutela egin ebatzi du.
Absolbitu egin dituzte Bankiako auzipetu guztiak. Rodrigo Rato ministro ohiak eta beste akusatuek bankuaren burtsaratzean iruzurrik ez zutela egin ebatzi du.
Espainiako banku sisteman mugarri bat ezarri zuen Bankiaren kasuak. Estatuak bere gain hartu behar izan zuen bankuaren kontrola: erreskatatu egin behar izan zuen 24.000 milioi euro jarrita. Baina bankuan ardurak izan zituztenetako inork ez du ezer ordainduko deskalabruagatik. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor salak absolbitu egin ditu Bankia auziko 34 akusatuak, tartean Rodrigo Rato bankuko presidente ohia eta Espainiako Gobernuko presidenteorde izandakoa. Bankua burtsaratzeko kontabilitatea faltsutzea eta inbertitzaileei iruzur egitea leporatu zieten auzipetuei, baina epaimahaiak azpimarratu du akusazioek ez dutela halakorik frogatu. Gogoratu du ikuskatzaile guztiek —besteak beste, Espainiako Bankuak eta EBA Europako Banku Agintaritzak— oniritzia eman ziotela burtsara irteteko erabakiari, eta, beraz, porrotaren erantzule inor egitekotan ikuskatzaileak egin ditu. Horrez gain, inbertitzaile eta bezeroei emandako informazioari buruz, frogatutzat eman du hori «zabala eta segurua» izan zela. Bankia 2011ko uztailean atera zen burtsara, Ratoren gidaritzapean. Jose Maria Aznarren agintaldian Espainiako Ekonomia ministro izan zen Rato, eta, gerora, Nazioarteko Diru Funtseko zuzendari. Bankua merkaturatu zutenean, 309 milioi euroren irabaziak aurkeztu zituen, baina, burtsara irten eta urtebete pasatu ez zela, 2012ko maiatzean, zuzendaritza uztera behartu zuten Rato, eta Jose Ignacio Goirigolzarrik hartu zuen haren lekukoa, Mariano Rajoyren gobernuak bultzatuta. Kontuak birformulatu zituen Goirigolzarrik; 2.979 milioiko zuloa atzeman zuen, eta jakina zen beste kontu bat agertu zuen: bankua aktibo kutsakorrez beteta zegoela. Diru publikoarekin erreskatatu behar izan zuten bankua, 24.000 milioi jarrita. Bi urte geroago, Espainiako Bankuko perituek txosten bat egin zuten; horren arabera, Bankiak kontuak «makillatu» zituen burtsara atera eta inbertitzaileak erakartzeko. Berez, Espainiako Estatuak oraindik Bankiaren %62 badu, baina horrek akzioetan 2.000 milioi euro balio du, bankua erreskatatzeko jarritako kopuruetatik oso urrun, beraz. Berriki, gainera, jakin da Caixarekin batuko dela Bankia. FROB erreskate funts publikoak finantza erakunde berriaren %16 izango du. Angela Murillo epailea Auzitegiak ia urtebete behar izan du epaia emateko. Angela Murillo izan da epaimahaiburua, eta berak idatzi du epaia. Murilloren lerratze politikoa agerikoa izan da auzitegietan daraman urteetan: kontserbadorea, eta Aznarren ildotik gertuago Rajoyrenatik baino. Ebazpen horrekin, Ratok neurri batean berretsita ikusiko lituzke urteotan esandakoak: bere alderdi ohiaren eta Espainiako Bankuko barne gatazkei erantzuten diola haren kasuak. Fiskaltzak zortzi urte eta erdiko kartzela zigorra eskatu zuen Rodrigo Ratorentzat. Bankiarekin loturiko beste auzi batean —txartel ezkutuenean— ere epaitu zuten, eta lau urte eta erdiko espetxe zigorra jarri zioten: 2018ko urrian espetxeratu zuten. Auzi nagusitik absolbitu ostean, hirugarren gradua jasotzeko bidea libre du orain. Joan den urtearen amaieran zigorraren laurdena baino gehiago bete zuen. Baimena ez emateko arrazoia, hain zuzen ere, epaiaren zain zegoela izan zen. Dena den, Espainiako Gobernuko presidenteorde ohiak beste fronte judizial bat zabalik du, bere ondarearen jatorriari buruzkoa, eta Ratok lau urteko espetxealdiari eta 2,5 milioi euroko isun eskaera bati egin beharko die aurre.
2020-9-29
https://www.berria.eus/albisteak/187581/patronalak-ere-onartu-ditu-aldi-baterako-enplegu-erregulazio-berrituak.htm
Ekonomia
Patronalak ere onartu ditu aldi baterako enplegu erregulazio berrituak
Espainiako Gobernuak gaurko bileran onartuko du aldi baterako enplegu erregulazioak luzatzea.
Patronalak ere onartu ditu aldi baterako enplegu erregulazio berrituak. Espainiako Gobernuak gaurko bileran onartuko du aldi baterako enplegu erregulazioak luzatzea.
Atzo gauean lortu ez zuena lortu du gaur goizean Espainiako Gobernuak: patronalaren oniritzia aldi baterako enplegu erregulazioen luzapenaren baldintzen inguruan. Azken asteotako negoziazioen ondoren, CCOO eta UGT sindikatuen akordioa ziurtatu zuen atzo. Horrenbestez, gaurko ministroen kontseiluan onartuko duten dekretuak Espainiako gizarte eragile nagusien babesa izango du. «Goizeko lehen orduetara arte iraun duen eztabaida luze baten ondoren» hartu du erabakia CEOEk. Haren asmoa zen enpresa guzti-guztiek eskatu ahal izatea koronabirusari lotutako aldi baterako erregulazioak beren langileentzat, baina gobernuaren ezezkoarekin egin dute topo. Horren ondorioz, urriaren 1etik aurrera, sektoreen araberako baldintzak izango dituzte erregulazio horiek. «Barra librea» eragotzi nahi zuen Madrilek, hau da, enpresek araudi berezia baliatzea koronabirusarekin lotura ez duten arrazoiengatik lan kostu batzuk diru publikoaren kontura jartzea. Horregatik, lana aldi baterako erregulatzeko txostenak pandemiari lotuta soilik eskatu ahal izango dituzte zerrenda batean dauden sektoreetako enpresek. Gizarte Segurantzaren kotizazioetan deskontuak izango dituzte enpresa horiek, %85koak eta %75ekoak, 50 langiletik gorakoak edo beherakoak diren, horren arabera. Urrirako eta azarorako izango dira deskontu horiek; abenduan eta 2021eko urtarrilean, berriz, %60koak eta %50ekoak lirateke deskontuak. Aukerak besteentzat ere Baina izango dira, era berean, enpresa guztientzat diseinatutako erregulazioak ere, edozein dela ere enpresaren jarduera: agerraldiekin lotutakoak. Eremu batean muga jakinak agintzen badituzte jarduera jakin batzuetan, enpresek agerraldietako erregulazioak eskatu ahal izango dituzte. Uztailaren 1etik, dosier berezi horietara jo dezakete enpresek, goi aginduz itxi behar izan badute enpresa; aurrerantzean nahikoa izango da mugak edukitzea, adibidez tabernek ezin zerbitzatzea barran. Hego Euskal Herrian, 30.000 langile inguru geratzen dira oraindik erregulazioetan, baina 230.000tik gora egon ziren.
2020-9-29
https://www.berria.eus/albisteak/187582/aske-utzi-dute-marta-igarriz-presoa.htm
Politika
Aske utzi dute Marta Igarriz presoa
Gaur atera da Logroñoko espetxetik. Hamabost urte egin ditu kartzelan.
Aske utzi dute Marta Igarriz presoa. Gaur atera da Logroñoko espetxetik. Hamabost urte egin ditu kartzelan.
Etxerat-ek jakinarazi duenez, gaur goizean gelditu da libre Marta Igarriz euskal presoa. Logroñoko espetxetik (Errioxa, Espainia) irten da goizean, eta harrera egin diote senide eta lagunek espetxe atarian. Hamabost urte egin ditu kartzelan. 2005ean atxilotu zuten Igarriz, eta hamabost urteko espetxe zigorra ezarri zioten, ETAren laguntzailetzat jota. 2018ko uztailean bigarren gradua eman zioten, eta irailean Castelloko kartzelatik (Herrialde Katalanak) Logroñoko espetxera mugitu zuten. 2019ko urrian, berriz, egun baterako ateratzeko baimena eman zioten. Madrilek EPPK-ko kideei emandako halako lehen aukera izan zen.
2020-9-29
https://www.berria.eus/albisteak/187583/milioi-bat-lagun-baino-gehiago-hil-ditu-covid-19ak.htm
Mundua
Milioi bat lagun baino gehiago hil ditu COVID-19ak
AEBetan erregistratu dute kasu eta heriotza gehien. Euskal Herriak munduko heriotza tasa handienetako bat du: 77 heriotza 100.000 biztanleko.
Milioi bat lagun baino gehiago hil ditu COVID-19ak. AEBetan erregistratu dute kasu eta heriotza gehien. Euskal Herriak munduko heriotza tasa handienetako bat du: 77 heriotza 100.000 biztanleko.
Azken orduetan 275.000 COVID-19 kasu atzeman dira munduan, eta denera 33 milioi lagun baino gehiago kutsatu dira. Gaurko datu esanguratsuena, ordea, hildako kopuruarena da. Johns Hopkins Unibertsitatearen zenbaketaren arabera, milioi bat baino gehiago dira koronabirusaren eraginez hil direnak. Datu «beldurgarria», Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterresen esanetan: «Gure munduak kopuru krudel bat deitoratu behar du, eta akatsetatik ikasi». Atzemandako 33 milioi kasuen erdiak baino gehiago, eta heriotzen parte handi bat, hiru herrialdetan banatuta daude. AEBetan 7,15 milioi lagun kutsatu dira, eta 205.085 hil. New York hirian bakarrik 23.810 heriotza zenbatu dituzte, 33.140 estatu osoan. Harekin batera, New Jersey, Texas, Kalifornia eta Florida dira 10.000 hildakoen langa igarotzen duten estatuak, guztiak ere 14.000 heriotzen gainetik. Horiek dira kasu gehien erregistratu dutenak ere. Besteak beste, Kalifornian 812.498, eta Texasen 761.318. Munduko beste bi lurralde kaltetuenak India eta Brasil dira. Lehenengoan, 6,14 milioi kasu eta 96.318 hildako erregistratu dituzte; eta bigarrenean, 4,74 milioi kasu eta 142.058 heriotza. Horiekin batera, Errusia da milioi bat kasu baino gehiago dituen laugarren herrialdea: 1,16 milioi kasu baieztatu dituzte han, eta 20.299 heriotza. Azken orduetan neurri murriztaile gehiagoren berri eman du herrialde hark. Moskuko alkateak adierazi du hiriko ikastetxeak itxita egongo direla gutxienez hurrengo bi asteetan. Errusiako hiriburuan, irailaren 21ean 915 kasu atzeman zituzten, eta astebete geroago, 2.217. Horien atzetik, Hego Amerikako herrialdeak ageri dira kaltetuenen artean. Kolonbian 818,203 kasu atzeman dituzte, Perun 808.714, Mexikon 733.717 eta Argentinan 671.669. Afrikan kasu gehien atzeman duten herrialdea, berriz, Hego Afrika da (671.669 kasu). Europako Batasuneko lurralderik kaltetuena, berriz, Frantzia da, 527.000 kasu baino gehiago atzemanda. Haren atzetik dago Espainia, 486.864 kasurekin. Hildakoei dagokienez, ordea, Mexiko dago laugarren lekuan. 76.603 hildako zenbatu dituzte pandemiaren hasieratik. Aipatutako gainerako herrialdeetan, 16.000 (Argentina) eta 33.000 (Kolonbia) heriotza artean baieztatu dituzte. Txinan, berriz, pandemiaren lehen epizentroan, 90.505 kasu baieztatu dituzte orain arte, eta 4.739 lagun hil dira, Johns Hopkins Unibertsitatearen datuen arabera. Hala, kutsatu gehien duten Asiako herrialdeak Iran (449.960) eta Bangladesh (360.555) dira, Indiaren atzetik. Zenbaki osoetatik harago Kasu kopuru osoak dira aurrez aipatutakoak. Heriotza tasek, ordea, bestelako zerrenda bat uzten du. San Marino da 100.000 biztanleko hildako gehien atzeman duen herrialdea: 123,78. Atzetik, jada 100 heriotzen azpitik, Peru (97,43) eta Belgika (86,11) daude. Laugarrena, berriz, Euskal Herria da. 100.000 biztanleko 77,04 heriotza erregistratu dira, 2.461 guztira.
2020-9-29
https://www.berria.eus/albisteak/187584/zaldibarko-zabortegiaren-kudeaketa-argitzeko-ikerketa-batzorde-bat-sortzea-proposatu-du-eh-bilduk.htm
Gizartea
Zaldibarko zabortegiaren kudeaketa argitzeko ikerketa batzorde bat sortzea proposatu du EH Bilduk
Mikel Otero legebiltzarkideak aurkeztu du proposamena, eta ziur da ikerketa batzordea osatuko dela: «Inork ezkutatzeko ezer ez badu, ikerketa batzordea osatzearen alde agertu beharko lukete talde guztiek».
Zaldibarko zabortegiaren kudeaketa argitzeko ikerketa batzorde bat sortzea proposatu du EH Bilduk. Mikel Otero legebiltzarkideak aurkeztu du proposamena, eta ziur da ikerketa batzordea osatuko dela: «Inork ezkutatzeko ezer ez badu, ikerketa batzordea osatzearen alde agertu beharko lukete talde guztiek».
EH Bilduk Zaldibarko (Bizkaia) zabortegiaren kudeaketa argitzeko ikerketa batzorde bat sortzea proposatu du Eusko Legebiltzarrean. Mikel Otero legebiltzarkideak honela arrazoitu du batzorde horren sorrera: «Hondamendia argitzeko eskura ditugun bide guztiak erabili beharrean gaude; euskal jendartea hain modu bortitzean astindu duen gertakari horren aurrean, legebiltzarrak ezin dio uko egin bere ikerketa gaitasunari, hondamendiaren inguruan argitasuna ezartze aldera». Oraintxe bertan, Zaldibarko auzia zabalik dago epaitegietan, ingurumenaren eta langileen segurtasunaren aurkako delitu zantzuak daudelako. Hori horrela izanda, Legebiltzarrak ere badu gertatutakoa ikertzeko beharra, koalizioko kidearen ustez: «Garrantzitsua da aztertzea ea hondamendiaren aurretik Jaurlaritzak zabortegian egindako kudeaketa egokia izan den; garrantzitsua da aztertzea ea hondamendia gertatu eta lehen ordu eta egunetan erantzuna egokia izan zen, eta garrantzitsua da aztertzea ea ostean hartu diren erabakiak egokiak izan diren edo ez». Hiru helburu izango lituzke batzordeak: Zaldibarko ezbeharra argitzea, erantzukizun politikoak zehaztea, halakorik izanez gero, eta etorkizunean hondakinak kudeatzeko irakaspenak ateratzea. Oterok ziurtzat jo du ikerketa batzordea osatuko dela: «Inork ezkutatzeko ezer ez badu, ikerketa batzordea osatzearen alde agertu beharko lukete talde guztiek». Ezbeharraren ondorioak oraindik konpondu gabe daudela gogorarazi du, gainera.
2020-9-29
https://www.berria.eus/albisteak/187585/hondarribiko-casa-manolo-jatetxean-egondakoei-pcr-probak-egiteko-eskatu-diete.htm
Gizartea
Hondarribiko Casa Manolo jatetxean egondakoei PCR probak egiteko eskatu diete
Irailaren 19aren eta 28aren artean han egonikoei egingo diete proba.
Hondarribiko Casa Manolo jatetxean egondakoei PCR probak egiteko eskatu diete. Irailaren 19aren eta 28aren artean han egonikoei egingo diete proba.
Irailaren 19aren eta 28aren artean Hondarribiko (Gipuzkoa) Casa Manolo jatetxean egondakoei PCR proba egiteko hitzordua eska dezaten eskatu diete Osasun Sailak eta Osakidetzak. Gaur arratsaldean hasiko dira testak egiten, Hondarribiako Itsas Etxean dauden instalazioetan. Hitzorduak Hondarribiko, Irun erdialdeko eta Dunboako osasun zentroetan eskatu ahalko dira. Era berean, sintomak dituzten herritarrei —sukarra, eztula, eztarriko mina, arnasa hartzeko zailtasunak edo usaimena galtzea— bakartzeko eta osasun-zentroarekin harremanetan jartzeko eskatu diete.
2020-9-29
https://www.berria.eus/albisteak/187586/hegoaldeko-kasuen-erdiak-baino-gehiago-nafarroan.htm
Gizartea
Hegoaldeko kasuen erdiak baino gehiago, Nafarroan
Beste 603 positibo zenbatu dituzte Hego Euskal Herrian; Nafarroan atzeman dituzte horietatik 318. Halaber, bi pertsona zendu dira birusaren ondorioz.
Hegoaldeko kasuen erdiak baino gehiago, Nafarroan. Beste 603 positibo zenbatu dituzte Hego Euskal Herrian; Nafarroan atzeman dituzte horietatik 318. Halaber, bi pertsona zendu dira birusaren ondorioz.
Osasunbideak eta Osakidetzak emandako datuen arabera, lurraldez lurralde, Nafarroan atzeman dute positibo gehien, berriz ere. Are, Hegoaldeko kopuru osoaren erdia baino gehiago dagokio lurralde horri: 318 positibo zenbatu dituzte han, aurreko egunean baino 60 gehiago. Gipuzkoan ere gora egin du positiboen kopuruak: zehazki, 99 detektatu dituzte; aurreko egunean, berriz, 90. Bizkaian eta Araban, ordea, gutxitu egin dira egun bakarrean zenbatutako kasuak: Bizkaian 138 izan dira, eta Araban, 39. Azken egunean, guztira 10.475 PCR proba egin dituzte Hego Euskal Herrian. Bestalde, koronabirusarekin eri ziren bi pertsona hil dira azken orduetan, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez. 94 eta 83 urteko bi emakume dira hildakoak. Ospitaleen egoerari dagokionez, 38 pertsona erietxeratu dituzte azken egunean Hegoaldean. Oraintxe bertan, 487 gaixo daude ospitaleetan; horietatik 81, ZIUetan. Nafarroa, kezkak hartua Datuei so, Nafarroaren egoera da kezkagarriena azkenaldian. Santos Indurain Osasun kontseilaria kezkatuta agertu da. Azaldu du igandean erregistratutako datuek «lasaitzeko» balio izan zutela, 258 positibo atzeman baitziren, baina nabarmendu du astelehenean kasuek 300en langa gainditu dutela berriz ere. Are, egindako PCR proben gaineko positibotasun tasak gora egin du berriz: %10,2koa da, azken datuen arabera. Zehaztu du, bestalde, kasuen ugaritze hori Alesbesen detektatuko agerraldiari zor zaiola batez ere. Osasun Departamentuak jakinarazi duenez, 33 positibo zenbatu dituzte azken orduetan bertako zaharren egoitzan. Maria Txibite Nafarroako presidenteak agerraldia egin du gaur goizean, pandemiari buruz hitz egiteko. Azaldu du, batik bat, ez duela asmorik foru erkidegoan konfinamendu orokorrik ezartzeko, eta gaineratu du positibo «asko» izan arren «kontrolatuta» dagoela egoera. Koronabirusaren Euskal Herriko datuak sakonki ikusteko, jo ezazu BERRIAk webgunean sortutako atal berezira: Koronabirusaren azken datuak. Bertan jasota daude COVID-19ak Euskal Herrian duen eragina azaltzen duten grafikoak eta mapa interaktiboak.
2020-9-29
https://www.berria.eus/albisteak/187587/gipuzkoako-egoiliarren-senideek-salatu-dute-grebetako-ordainketa-bidegabeak-ez-dizkietela-itzuli.htm
Gizartea
Gipuzkoako egoiliarren senideek salatu dute grebetako ordainketa «bidegabeak» ez dizkietela itzuli
Gipuzkoako Foru Aldundiak martxoaren hasieran itzulketak egiteko hartu zuen konpromisoa ez dela konplitu salatu dute
Gipuzkoako egoiliarren senideek salatu dute grebetako ordainketa «bidegabeak» ez dizkietela itzuli. Gipuzkoako Foru Aldundiak martxoaren hasieran itzulketak egiteko hartu zuen konpromisoa ez dela konplitu salatu dute
«Irailaren hasieran gaude, eta ez dakigu deus kantitate horiei buruz; ez dakigu horiek kalkulatzeko zein bide jarraituko den ere». Gipuzkoako Senideak elkarteak era horretan gaitzetsi du Gipuzkoako Foru Aldundiak ez diela itzuli oraindik zahar etxeetan izandako greben ondorioz «bidegabeki» kobratutako dirurik. Gogora ekarri dute martxoaren hasieran itzulketa horiek egiteko konpromisoa agerian utzi zuela foru erakundeak, eta esan zuela, gainera, asmoa zela hila amaitu aurretik ordainketak egitea. Gizarte Politiketako diputatu Maite Peñari zuzendu zaizkio orain horregatik. eta ordainketa horiek «ez atzeratzeko» eskea egin diote. «Sumina» erakutsi dute, iruditzen zaielako atzerapen honekin «seriotasun falta» erakutsi duela aldundiak, eta, ororen gainetik, «marketina» egin duela. Gipuzkoako zahar etxeetako langileek martxoaren 13an eten zuten asteetan egiten ari ziren greba, osasun pandemiaren inguruan «erantzukizunez jokatzeko». Lehengo astean jakinarazi zuten, ordea, berriz urratuko dutela greben bidea, ELA eta LAB sindikatuek, nork bere aldetik. 242 egunen ostean gelditu zuten aurreko greba prozesua. Orain egun baterako deialdia egin dute, oraingoz. Egun bera jarri dute biek: urriaren 6a.
2020-9-29
https://www.berria.eus/albisteak/187588/olano-autogobernuan-ahalik-eta-adostasunik-handienarekin-sakontzearen-alde.htm
Politika
Olano, autogobernuan «ahalik eta adostasunik handienarekin» sakontzearen alde
Gipuzkoako ahaldun nagusiak uste du euskal gizarteak ez liokeela uko egin behar «etorkizuna erabakitzeko borondateari»
Olano, autogobernuan «ahalik eta adostasunik handienarekin» sakontzearen alde. Gipuzkoako ahaldun nagusiak uste du euskal gizarteak ez liokeela uko egin behar «etorkizuna erabakitzeko borondateari»
Atzo Araban eta Bizkaian egin zuten bezala, Gipuzkoan ere politika orokorreko osoko bilkura egiten ari dira gaur, herrialdearen egoeraz eztabaidatzeko. Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olano «autogobernuan sakontzen jarraitzearen alde» agertu da, «ahalik eta adostasunik handienarekin eta beharrezkoak diren akordioak bilatuz», baina erantsi du «gehiengoaren borondatea errespetatzeko prest» ez dauden indar politikoek ez luketela «beto eskubiderik» izan beharko, eta euskal gizarteak ez liokeela uko egin behar «bere etorkizuna erabakitzeko borondateari». Olanoren ustez, Gipuzkoak «suspertze demokratikoa» behar du. Haren esanetan, iraganeko indarkeria giroak «gizartearen desaktibazioa eta desmobilizazioa» ekarri du, eta, horregatik, beharrezko deritzo «herritarrak ahalduntzeari. Halaber, nabarmendu du «autokritika politikaren beharra» dagoela «elkarbizitza demokratikoa» indartzeko. Gipuzkoako ahaldun nagusiak uste du autogobernuak «ongizate eta bizi kalitate handiagoak» ekarri dituela, eta Gernikako Estatutua onartu zenetik osorik bete ez eta «ahultzeko eta deslegitimatzeko saialdiak» pairatu dituen arren, gaur egun «legitimazio handia» duela eta komunitate berezi bezala garatzeko» aukera sustatu duela. «Marketin politikoa» Araban, politika orokorreko osoko bilkuraren saioa egin dute gaur, eta Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiari erantzuteko aukera izan dute oposizioko taldeek. EH Bilduko Kike Fernandez de Pinedok ohartarazi dio Gonzalezi EAJk eta PSE-EEk ezin dutela «bakarrik» kudeatu COVID-19ak sortutako krisia «gehiengo osoa izanik ere», eta «onartezin» iritzi dio osasungintzako langileek «behar bezalako babes neurririk gabe» jardun behar izanari. Elkarrekin Arabako bozeramaile Arantxa Abeciak, berriz, «marketin politikoa» egitea leporatu dio Gonzalezi, eta galdetu dio non egingo dituen murrizketak. PSE-EEko Jon Nogalesek esan du EAJrekin duten koalizioak «zilegitasun demokratikoa» duela eta «identitatean oinarritutako jarreretatik» aldentzen dela. Oposizioari «gobernabidean inplikatzeko» deia egin dio.
2020-9-29
https://www.berria.eus/albisteak/187589/galdutako-enplegu-guztiak-berreskuratu-nahi-ditu-jaurlaritzak-berpiztu-programari-esker.htm
Ekonomia
Galdutako enplegu guztiak berreskuratu nahi ditu Jaurlaritzak Berpiztu programari esker
Jarduera ekonomikoa bultzatzeko orain indarrean dituen politikak eta asmo berrituak batu ditu Jaurlaritzak egitasmoan. Gastu publikoa %0,5 handituko du 2021ean, eta beste %1 hurrengo urtean
Galdutako enplegu guztiak berreskuratu nahi ditu Jaurlaritzak Berpiztu programari esker. Jarduera ekonomikoa bultzatzeko orain indarrean dituen politikak eta asmo berrituak batu ditu Jaurlaritzak egitasmoan. Gastu publikoa %0,5 handituko du 2021ean, eta beste %1 hurrengo urtean
Gastu publikoaren igoera txiki eta progresibo batekin egingo dio aurre Eusko Jaurlaritzak koronabirusak sortutako krisiari. Datorren urtean aurten baino %0,5 gehiago gastatzeko asmoa du, eta gastu hori %1 igoko du 2022an, %2 2023an eta %3, berriz, 2024ean. Diru horrekin elikatu nahi du bere jardun ekonomikoa markatuko duen programa, Berpiztu izenekoa. Lehentasuna izango da krisian galdutako enplegu guztia berreskuratzea. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak jada ezaguna den xede bat jarri dio bere buruari: legealdiaren amaieran langabezia tasa berriro %10etik jaistea —%12,4 da orain, Eustaten azken datuen arabera—. Aurreko legealdiko helburu bera da, eta lortu bezain pronto zapuztu zitzaion, konfinamenduarekin. Berpiztu programaren nondik norako nagusiak aurkeztu zituen atzo Urkulluk, Idoia Mendia lehendakariordearekin eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuarekin batera. Plan zehatza hilabete barru edo aurkeztu nahi du Gasteizko gobernuak, beste eragile batzuen ekarpenak jaso ondoren. Foru aldundiak, sindikatuak, patronala, kooperatibak, Elkargi eta beste deituko ditu hurrengo asteotan, plana osatze aldera. Oraingoz, Berpiztu programak ez dakar berritasun handirik. Urkulluk, Mendiak eta Tapiak aipatutako lehentasunak eta asmoak gobernu programan agertutakoak dira, eta Jaurlaritzaren azken urteetako egitasmoak ageri dira hor, pakete batean bildutakoak dira, osotasun bat emateko gobernuaren politikari. Programaren dirua gobernuaren baliabide propioek osatuko dute, baina Europako Batasuneko Next Generation programatik sosak etor daitezkeela ere kontuan hartu du Jaurlaritzak. Dirua jaso dezaketen hainbat proiekturen aurkezpenean laguntzen ari da gobernua, urriaren erdialdera bidali behar zaizkiolako Europako Batzordeari. Edonola ere, Urkulluk ez du EBren sosik espero datorren urtearen bigarren erdira arte, gutxienez. 135.000 enplegu sustatu Berpiztu planaren zenbaki nagusiak jada prest ditu Jaurlaritzak, eta handinahiak dira: 135.000 enplegu sustatu nahi ditu; 6.000 enpresaren sorrera lagundu nahi du; ikerketa eta garapenerako 1.000 proiektu berri bultzatu behar ditu; 10.000 industria babestu... Berpiztu programaren ardatzetako bat izango da «enpresa ehunaren eta sistema osoaren lehiakortasuna sendotzea», Arantxa Tapiaren arabera, halakorik ez badago, «nekez sortuko direlako lanpostu berriak». Sei esparrutan ekin nahi du Gasteizko gobernuak. Azpiegitura ekonomikoak eta gizartekoak dira horietako bat, «industria lehiakor batek jarduera errazten duen ekosistema behar baitu». Arlo horretan Bilboko portua trenbide sarearekin lotzea aipatu du, baina baita ur sarea hobetzea eta osasun azpiegituren eta eskolen energia eraginkortasuna hobetzea ere. Bigarren esparrua ikerketa eta garapenaren aldeko apustua handitzea izango da. I+Ga bultzatzeko urtero %6 gehiago emateko konpromisoari eutsi dio Jaurlaritzak, eta Tapiak iragarri du Adimen Artifizialeko Zentro bat eraikiko duela eta beste data-center bat jarriko duela ekinaldi pribatuaren laguntzarekin. Trantsizio energetikoari dagokionez, Europako Itun Berdearen haritik jarraituko du Jaurlaritzak, eta agindu du industria hondakinak tratatzeko estrategia bat landuko duela, enpresen lankidetzarekin. Industria eta enpresak laguntzeko oraingo programekin jarraituko du Urkulluren gobernuak, besteak beste, Finkatuz funtsaren bitartez enpresen kapitalean sartzen. Enpresen nazioartekotzea bultzatzeko SPRI bulegoen sarea zabalduko dute. Berme gehiago Elikaduraren esparruari ere helduko dio Berpiztu programak. Banaketa sare laburrak sustatuko dituzte, arrantzale eta nekazarien belaunaldi aldaketa lagunduko, eta landa eremuen dibertsifikazioan sakonduko. Azkenik, merkataritzan, turismoan eta kultura «negozio molde berriak»lagunduko dituzte. Diruaren zati bat enpresei maileguak eskatzeko bermeak izango dira. Mila milioi euro jarri zituen hor krisiaren hasieran, Elkargirekin batera, eta beste 500 milioi eskaini zituen gero, baina oraindik azken zati hori erabili gabe dago. Legealdi osoan 3.700 milioi eurora arte bermatzeko prest da gobernua, batez ere enpresa txikiei eta ertainei begira.
2020-9-29
https://www.berria.eus/albisteak/187590/nafarroak-bikoiztu-egin-du-gripearen-kontrako-dosi-kopurua.htm
Gizartea
Nafarroak bikoiztu egin du gripearen kontrako dosi kopurua
Osasunbideak astelehenean abiatuko du gripearen aurkako txertaketa kanpaina. 270.000 dosi prestatu dituzte; beste behin, txertoa jartzera animatu dituzte herritarrak, «are gehiago COVID-19aren pandemian izanik».
Nafarroak bikoiztu egin du gripearen kontrako dosi kopurua. Osasunbideak astelehenean abiatuko du gripearen aurkako txertaketa kanpaina. 270.000 dosi prestatu dituzte; beste behin, txertoa jartzera animatu dituzte herritarrak, «are gehiago COVID-19aren pandemian izanik».
Urriaren 5etik azaroaren 27ra iraunen du gripearen kontrako aurtengo txertaketa kanpainak Nafarroan. Osasun Departamentuak emandako datuen arabera, guztira 270.00 dosi prestatu dituzte foru erkidegoko herritarrentzat. Hori horrela, bikoiztu baino gehiago egin dute iazko kopurua: 2019an, 126.000 dosi izan ziren. Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak adierazi duenez, aurten «are inportanteagoa» da gripearen kontrako txertoa jartzea. Haren esanetan, «kanpaina eraginkor bat erabakigarria izan daiteke kasuak gutxiago izan daitezen». Bestalde, agerraldian gogorarazi dute txertoa jartzea bereziki garrantzitsua dela 60 urtetik gorakoentzat, haurdun diren emakumeentzat eta osasun arazoak dituzten heldu zein haurrentzat. Gaur egungo baldintzetara egokitzearren, martxan jarri dituzte txertorako ordua eskatzeko bide gehiago. Sortutako sistema berriaren bidez, herritarrek Interneten bidez edo telefonoz deituz eskatu beharko dute ordua gaitzaren kontrako txertoa jartzeko. 2019ko txertaketa kanpainan, 15.576 gripe kasu atzeman zituen Osasunbideak. Halaber, 449 pertsona ospitaleratu zituzten gripearen sintomak zituztelarik, eta hamazazpi pertsona zendu ziren.
2020-9-29
https://www.berria.eus/albisteak/187591/bihar-jakingo-dute-aldundiek-nolako-defizita-pilatu-ahal-izango-duten.htm
Bihar jakingo dute aldundiek nolako defizita pilatu ahal izango duten
Bihar jakingo dute aldundiek nolako defizita pilatu ahal izango duten.
Berpiztu planaren zati bat zorpetzearen bitartez finantzatuko du Eusko Jaurlaritzak, zerga bilketaren bitartez diru gutxiago jasoko baitu. Espainiako Gobernuarekin %2,6ko defizit muga hitzartu zuen Iñigo Urkulluren gobernuak. EAE Euskal Autonomia Erkidegoaren barne produktu gordina 80.000 milioi direnez —Eustaten 2019ko datua—, Jaurlaritzak 1.800 milioi euroren zuloa egin ahal izango du aurten, eta zor merkatuetara edo bankuetara jo beharko du diru hori lortzeko. Baina Madrilekin ituna lortu zuenean beste promesa bat ere erdietsi zuen Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak: aldundiek ere defizita izateko baimena izango dutela, aspaldiko partez. Kopuru zehatza Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoan finkatu behar zuten. Bihar arratsaldean da biltzekoa, eta haren ondoren jakingo da kopurua. Nafarroako Gobernuak ere %2,6ko defizit muga lortu du. Uztailean, %2,3koa zuen, baina duela bi aste handitu zuen.
2020-9-29
https://www.berria.eus/albisteak/187592/jaurlaritzak-aldi-baterako-enplegu-erregulazioan-daudenentzako-osagarria-luzatu-du.htm
Ekonomia
Jaurlaritzak aldi baterako enplegu erregulazioan daudenentzako osagarria luzatu du
20.000 euro baino gutxiago irabazten duten langileek hilero 100 edo 150 euroko osagarria izango dute aurrerantzean ere, lanaldiaren arabera.
Jaurlaritzak aldi baterako enplegu erregulazioan daudenentzako osagarria luzatu du. 20.000 euro baino gutxiago irabazten duten langileek hilero 100 edo 150 euroko osagarria izango dute aurrerantzean ere, lanaldiaren arabera.
Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak jakinarazi du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako beharginek Lakuaren osagarria jasotzen jarraituko dutela datozen hilabeteetan. Aldi baterako enplegu erregulazioan dauden beharginek eskatu ahal izango dute laguntza osagarri hori, beren soldataren oinarri arautzailea 20.000 eurotik beherakoa bada. Osagarri hori joan den ekainaren erdialdean onartu zuen Gasteizek, eta Espainiako Gobernuak enplegua aldi baterako erregulatzeko espediente bereziak urtarrilaren 31 arte luzatzea erabaki ondoren iritsi da osagarria ere luzatzeko deliberazioa. Jaurlaritzaren eskumeneko hiru lurraldeetako 7.827 langilek eskatu dute gaur arte laguntza hori, baina ordainketak asko atzeratu dira, Lan Sailak onartu duenez, eta urrian hasiko da Lanbide osagarri hori dagokionari ordaintzen, atzerako eraginez. Elkarrizketa Sozialerako Mahaian hartutako erabakia dela zehaztu du Idoia Mendiaren ardurapeko sailak. Lanaldi erdia daukatenek 100 euroko laguntza jasoko dute, Gizarte Segurantzatik jasotzen dutenetik aparte (beren ohiko soldaten %70); aldi baterako enplegu erregulazioan dauden lanaldi osoko beharginek 150 euroko osagarria izango dute, betiere 20.000 eurotik beherako soldatapeko badira. Lanbideren bidez eskatu behar dira osagarriak online formulario bat betez. Espainiako SEPEk orain arte jasotako eskaeren datuak berretsi ondoren hasiko da Lanbide ordaintzen osagarriak, urrian dagoeneko. Enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientean dauden beharginek ezingo dute jaso beren ohiko soldata baino kopuru handiagorik osagarriari esker.
2020-9-29
https://www.berria.eus/albisteak/187593/erietxera-eraman-dute-intildeaki-bilbao-goikoetxea-euskal-presoa.htm
Politika
Erietxera eraman dute Iñaki Bilbao Goikoetxea euskal presoa
AEMk jakinarazi duenez, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz eraman zuten atzo Andaluziako Puerto Real erietxera. Bilbaok irailaren 9an ekin zion gose greba mugagabeari.
Erietxera eraman dute Iñaki Bilbao Goikoetxea euskal presoa. AEMk jakinarazi duenez, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz eraman zuten atzo Andaluziako Puerto Real erietxera. Bilbaok irailaren 9an ekin zion gose greba mugagabeari.
AEM Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak jakinarazi du Puerto Real erietxera (Andaluzia) eraman dutela Iñaki Bilbao Goikoetxea euskal presoa. Puerto III espetxean daukate preso Bilbao, eta gose greba mugagabeari irailaren 9an ekin zion, AEMk azaldu duenez. AEMk jakinarazi duenez, harekin batera preso den Dani Pastor presoak eman du erietxeratzearen berri. Hark azaldu zuen atzo 19:00etan eraman zutela anbulantzian Bilbao, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz: hura ospitaleratzea eta «bizirik mantentzeko egin behar den guztia» egitea agindu du auzitegiak, AEMren arabera.
2020-9-29
https://www.berria.eus/albisteak/187594/d-eredua-ezartzeko-eskaria-berretsi-dute-mendigorriko-gurasoek.htm
Gizartea
D eredua ezartzeko eskaria berretsi dute Mendigorriko gurasoek
Beste bilera bat eskatu diote Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamenduari, datorren ikasturteko egoera zein izango den argitzeko.
D eredua ezartzeko eskaria berretsi dute Mendigorriko gurasoek. Beste bilera bat eskatu diote Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamenduari, datorren ikasturteko egoera zein izango den argitzeko.
«Herriko 12 urtetik beherako eskolaratutako haurren %35-45 herritik kanpo joaten ari da D eredua aukeratzeagatik, nahiz eta beraien herrian ikastetxe bat egon». Mendigorriko (Nafarroa) gurasoek egindako salaketa da, eta euren ezinegona adierazteko agerraldia egin dute gaur arratsaldean Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekarekin batera. Aurtengo ikasturtean ere Garesko (Nafarroa) ikastetxera joaten jarraitu beharko dute euskaraz ikasi nahi duten haurrek. Gurasoek aukera hori ez izatea deitoratu dute, eta eskaera egin diote Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamenduari: «Aurrematrikulazio garaia otsailean izango da, baina jada erregistratu ditugu Hezkuntza Departamentuan D ereduaren irekiera eskariak». Gurasoek azaldu dutenez, eskaera horretan, aurten lehenengo kurtsoan euskaraz matrikulatu nahi duten haurren eskaerak ez ezik, aurreko urtean D ereduan Mendigorrian ikasi nahi zutela zehaztu zuten haurren eskaerak ere erregistratu dituzte. «D ereduan Mendigorrian gure seme-alabak matrikulatu nahi ditugula eskatzen ari gara. Ez al da argi geratu hemen bere eskubideak eskatzen dituen herri bat badela eta ez garela nekatuko horien alde egiteaz?». Eskaerak eskaera, ez dakite oraindik datorren ikasturtean haurrek aukerarik izango duten herrian euskaraz ikasteko. Hori argitze aldera, gurasoek eta Behatokiak bilera bat eskatu diote Hezkuntza Departamenduari. Euskararen presentzia, zalantzan Hezkuntzan euskarak izan behar duen presentziaren afera ez da Mendigorrira mugatzen. Agurne Gaubekaren hitzetan, «ziurgabetasuna» sortzen du Euskararen Legeak: «Lege horrek ezarritako eremu mistoetan euskararen irakaskuntza gradualki, progresiboki eta era nahikoan eskainiko dela aipatzen badu ere, argi geratzen da praktikan babes gutxi eskaintzen digula, eta agintarien esku geratzen dela artikulu hau era positiboan interpretatze». Hori dela eta, legea «lehenbailehen» aldatu behar dela azpimarratu du, «nafar guztien eskubideak bermatu nahi badira behintzat». Begi onez ikusten du Gaubekak Nafarroako Gobernuak Hezkuntza Mapa aldatzeko irekitako prozedura: «Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariaren esanetan, mapa hori zen Mendigorrian D eredua irekitzeko oztopo nagusia. Hori aldatzera doazela jakiteak afera konpondu daitekeen esperantzaz uzten gaitu». Horretarako, ordea, «orain arte ez bezala», eskubideen irizpideak gailendu behar duela uste du: «Nafarroako edozein herritako gurasoek D ereduaren irekiera eskatuko balute, Hezkuntza Mapa zein bestelako araudi eta tresna guztiak eskubide hori egikaritzeari begira jarri beharko lituzkete: ezin da oztopo izan». Mendigorrian bezala, Nafarroako beste herriren batean D eredua ezarri nahi badute, Hezkuntza Departamenduari «argiro» adierazteko eskatu du Gaubekak.
2020-9-29
https://www.berria.eus/albisteak/187595/gestampek-230-kaleratze-iragarri-ditu.htm
Ekonomia
Gestampek 230 kaleratze iragarri ditu
Zamudioko bi lantegi itxiko ditu. LABek salatu du enpresak 212 milioi euroren irabaziak izan zituela iaz eta instituzioen laguntza publikoak jasotzen ari dela.
Gestampek 230 kaleratze iragarri ditu. Zamudioko bi lantegi itxiko ditu. LABek salatu du enpresak 212 milioi euroren irabaziak izan zituela iaz eta instituzioen laguntza publikoak jasotzen ari dela.
Aeronautikan eta siderurgian iragarri zituzten lehenengo kaleratze handiak, eta orain autogintzari iritsi zaio txanda. Gestampek Matricería Deusto enpresa eta GTS trokelen ingeniaritza —biak Zamudion (Bizkaia) daude— itxi nahi ditu, eta horrek 230 langile kaleratzea ekarriko du. Autogintzako taldeak esana zuen doikuntzak egingo zituela, urteko lehen seihilekoan 120 milioi euroren galerak izan ostean. COVID-19ak larriagotu egin du sektorearen krisia. «Urteko bigarren hiruhilekoa azken 75 urteotako garairik zailena izan da autogintzarako, ibilgailu arinen ekoizpena %45 txikitu baita» azaldu zuen autoentzako osagaien egileak, uztailean. Horren ondorioz, salmentak %30 txikitu zaizkiola azpimarratu zuen eta sektorearen aurreikuspenak ere txarrak direla: uste du 2019ko ekoizpena ez dela leheneratuko 2024ra arte. LAB sindikatuak eman du erabakiaren berri, eta neurriaren aurka gogor egingo duela ohartarazi du. «Ez dugu mehatxurik onartuko». Azpimarratu du Gestampek 2019an 212 milioi euro irabazi zituela eta erakundeen diru laguntzak jasotzen dituela. Gogoratu du ekain honetan 17 milioiko inbertsioa iragarri zuela Zornotzako (Bizkaia) instalazio batean, eta horretarako 8 milioiko diru laguntza jasoko duela Eusko Jaurlaritzatik. Asko zabaldu da Gestamp azken urteetan: 112 lantegi ditu gaur egun, eta 43.000 langile. Euskal Herrian 11 lantoki ditu: zortzi ekoizpen planta eta I+G zentro bat.
2020-9-29
https://www.berria.eus/albisteak/187596/bidasoa-europatik-kanpo-geratu-da.htm
Kirola
Bidasoa Europatik kanpo geratu da
Galdu egin du Kroaziako Nexeren aurka (29-24), eta ez da ariko Europako Ligako multzoen fasean. Joaneko partidako hiru golen aldeak ez dio ezertarako balio izan.
Bidasoa Europatik kanpo geratu da. Galdu egin du Kroaziako Nexeren aurka (29-24), eta ez da ariko Europako Ligako multzoen fasean. Joaneko partidako hiru golen aldeak ez dio ezertarako balio izan.
Bidasoa ez da ariko Europako Ligako multzoen fasean. Kroaziako Nexe taldeak kaleratu egin du. Itzuliko partidan 29-24 galdu du, eta joaneko partidan lortu zuen hiru golen aldeak ez dio balio izan. Hortaz, bigarren kanporaketan geratu da Europatik kanpo. Partida hasiera ikusita, ez zuen ematen horrelako emaitza eta bilakaera izango zituenik kanporaketak. Izan ere, 1-6 aurreratu da zazpigarren minutuan. Gol guztiak Kauldik egin ditu. Ez dio asko iraun pozak, ordea; berehala berdindu dute partida etxekoek, hemeretzigarren minutuan zortzina berdinduta zeudelako. 20. minutuan jarri da aurrenekoz aurretik Nexe, eta Bidasoak ez du gehiago aurrea hartu. 28. minutuan lortu du etxeko taldeak kanporaketan aurretik jartzea aurreneko aldiz, 12-9koarekin. Atsedenaldira 13-11 joan dira. Lehen zati horretan, oso garbi geratu da Nexeren indargunea non dagoen: Kevic erdikoaren eta piboteen arteko loturan. Bidasoaren partida hasiera ona izan bada, Ledo atezainak bereak eta bi geratu dituelako ere izan da. Baita Nexeren jaurtiketa bat baino gehiago zutoinak edota langak urruntzeagatik ere. Aldiz, Bidasoaren eraginkortasuna sekulakoa ari zen izaten. Kontua da Bidasoak bost goleko aldea izanagatik ere, hasieratik ibili dela etxekoen baliabide nagusia geratu ezinda. Nexe atearen aurrean asmatzen hasi denean (tartean, trantsizioan egindako gol erraz batzuk ere izan dira), eta Bidasoa erasoan aukerak sortzen bai baina kale egiten hasi denean, emaitza etxekoen aldera joan da. Bigarren zatiaren hasierak ez ditu gauzak aldatu. 5-0 partziala sartu dio Nexek Bidasoari, eta 18-13 aurreratu da. 11. minutuan izan du azken emaitzaren aurretik bost golen aldea azkenekoz (21-16). Bidasoa erasoan asmatu ezinda zebilen, eta atzean ere gehiago galdu du indarra. Hala ere, pixkanaka, gerturatuz joan da, eta Sierra atezainaren gelditu batzuen laguntzarekin, berdindu ere egin du (22-22). Hamar minutu geratzen ziren. Baina berriz itzali zaizkio argiak. Erasoan aukerak sortu bai, baina Radovanovic atezainaren lan bikainak ateak itxi dizkio. Zazpi minuturen faltan, 25-22 jarri dira, baita 27-24 ere minutu baten faltan. Baina Rodinek sartu ditu azkeneko bi golak etxekoentzat, Bidasoaren aukerak urriak zirenean.
2020-9-29
https://www.berria.eus/albisteak/187597/durangoko-plateruena-kafe-antzokiak-ateak-itxiko-ditu.htm
Kultura
Durangoko Plateruena Kafe Antzokiak ateak itxiko ditu
Euskara eta euskal kultura erdigunean jartzeko asmoz jarri zuen abian proiektua Berbaro euskara elkartearen inguruko herritar talde zabal batek, baina egoera ekonomikoak ateak ixtera behartu ditu.
Durangoko Plateruena Kafe Antzokiak ateak itxiko ditu. Euskara eta euskal kultura erdigunean jartzeko asmoz jarri zuen abian proiektua Berbaro euskara elkartearen inguruko herritar talde zabal batek, baina egoera ekonomikoak ateak ixtera behartu ditu.
Berez, otsailean amaituko zen 18 urterako sinatutako kontratua, baina ez dira helduko. Durangoko Plateruena Kafe Antzokiaren ateak ixtea erabaki dute bazkideek gaur arratsaldean, eta ekonomikoa da arrazoia: «Erabakia egoera ekonomikoak behartua izan da. Azken urteetan Plateruenak izan dituen zailtasunei COVID-19ak ostalaritzari eta kultur arloari eragin dizkien baldintzak gehitu zaizkie, eta horrek ezinezko egin du orain arteko kudeaketa ereduaren bideragarritasunari eustea eta eraikinaren ustiapen epea luzatzeko aukera». 1989an jaio zen Berbaro euskara elkartea, Durangon, eta haren bultzadaz heldu zen Plateruena 2004an. Euskara aisi gunean sustatzen saiatzeko taberna bat ireki zuten herrian 1994an, lehenik. Kontzertuak ere eskaintzen zituzten bertan, hitzaldiak, antzerki saioak, erakusketak... Eta Bilboko Kafe Antzokiaren irekierak piztu zien antzoki bat zabaltzeko ideia. Landako gunea eraikitzen zebiltzan ordurako, eta ostalaritza gune bat ere aurreikusten zuen proiektuak gune hartarako. Hiltegi zaharraren eraikina berritzea erabaki, 900 bazkideko kooperatiba bat osatu, eta orduan hasi zen martxan Plateruena, 2004ko urriaren 28an. Euskara erdigunean jartzea zen asmoa, eta, horrekin batera, euskal kulturari nazioarteko sortzaileekin konpartitu ahal izateko moduko gune bat sortzea. Mila lagun inguru batu zituen irekierak, eta lehen mailako hamaika kontzerturen gune izan da geroztik. Irekierarako bidea ez zen trabarik gabekoa izan, ordea. Eraikina udal jabetzakoa da egun ere, eta 18 urterako lizitazioa lortu zuen proiektuak, hamar urte gehiagorako luzatzeko aukerarekin. Baina moldatu egin behar zen eraikina, eta milioi eta erdi euro behar izan zituzten egokitzapenak egiteko. Eusko Jaurlaritzak 120.000 euroko laguntza bideratu zuen, eta udalak ez zuen inolako laguntzarik eskaini, eta ia laguntza publikorik gabe egin behar izan zioten zulo hari aurre kooperatibako kideek. Hala, Berbaro taberna salduz lortu zuten diruaren herena, herritarren babesari esker lortu zuten beste herena, eta zorpetuta eskuratu zituzten azken 500.000 euroak. Eta neurri handi batean, azken heren horrek markatu du espazioaren historia. Arazoak, lehendik Proiektua bideragarri izan den urteetan ere, milioi erdi euroko zama hori izan du gainean luzaro Plateruenak. 2014an, esaterako, diru bilketa abiatu zuten herritarren artean, oraindik ere ordaintzeko zituzten 250.000 euroak lortzeko. Kito egitea lortu zuten, baina pandemiak eman dio azken kolpea, nabarmen zauritu dituelako espazioarentzako diru iturri nagusi izan diren bi ekitaldi nagusiak. Hilabete honetan ospatu ohi diren Durangoko festak bertan behera gelditu dira, eta abenduan ere zaila dirudi Durangoko Azokan orain arteko jende jarioa irudikatzerik. Garrantzitsua izan zen Plateruenaren hamargarren urteurrena ere. Proiektua unean uneko beharretara hobeki egokitzeko prozesua jarri zuten martxan orduan: Zilarberritzen deitu zuten. Gunearen kudeaketa parte hartzaileago bilakatu zuen iritzi bilketa bat egin zuten, eta komunikazio bideak ugaritu zituzten. Proiektua ekonomikoki bideragarria zela ere zehaztu zuten Platerueneko arduradunek prozesu haren amaieran, baina diru bilketa abiatu zuten hasierako obratik arrastatzen zuen 250.000 euroko zorrari aurre egiteko. Herriko mugimendu eta elkarteentzako lanerako espazioak eskaini ditu Plateruenak orduztik, eta kultur programa propioari ere eutsi dio horrekin batera.
2020-9-29
https://www.berria.eus/albisteak/187598/sasoiko-lehen-porrota.htm
Kirola
Sasoiko lehen porrota
Reala partida grisa jokatu du Anoetan, eta Maxi Gomezek sartu du Valentziaren gola. Epaileak baliorik gabe utzi du Realaren gol bat partidako azken jokaldian, baloiak Aritz Elustondoren besoan jo eta gero.
Sasoiko lehen porrota. Reala partida grisa jokatu du Anoetan, eta Maxi Gomezek sartu du Valentziaren gola. Epaileak baliorik gabe utzi du Realaren gol bat partidako azken jokaldian, baloiak Aritz Elustondoren besoan jo eta gero.
Kalean uso, etxean otso dio esaerak. Kontrakoa gertatzen ari zaio, ordea, Realari konfinamenduaren ostean. Partida bakarra irabazi du denbora honetan Anoetan. Aurretik talde ia menderaezina zen etxean, eta, zaleen bultzadarekin eta joko ikusgarria eginez, etxean apenas galdu zuen punturik. Baina pandemiaren etenaren ostean, nekez biltzen ari da aleren bat. Aurkariak gutxi behar du Donostiatik punturen bat eramateko, eta Valentziak hirurak eskuratu ditu, 75. minutuan Maxi Gomezek sartutako gol bati esker. Txuri-urdinek gola sartu dute partidako azken jokaldian, 94. minutuan, Le Normanden erremate batean. Baina epaileak baliorik gabe utzi du, aurretik baloiak Aritz Elustondoren besoan jo zuelakoan. Eztabaidagarria izan zen jokaldia, atzelariak ezin zuelako ezer egin baloiak ez jotzeko. Baina arau zorrotz interpretatu du Figueroa Vazquez epaileak, eta alferrik izan ziren Realeko jokalariek epaileari egindako protestak. Sasoi honetan galdu duten lehen neurketa izan da. Aurreko sasoiko azken txanpan talde txuri-urdinak jokatutako partida askoren gidoi bera izan du. Aurkaria ez dahobea izan, baina Realak ez ditu bere aukerak aprobetxatu. Valentziak, berriz, bai. Hor egon da aldea. Lehen minutuetatik, Realari kostatu egin zaio baloia mugitzea. Baina txuri-urdinek izan dute neurketako lehen aukera garbia, Isaken oinetan. Barrenetxeak erdiraketa ona egin du, eta suediarrak ezproiaz egindako errematea kanpora joan da. Baina hortik aurrera ez du bere ohiko erasoko jokoa egin Realak. Argitasuna eta erritmoa faltatu izan zaizkio zelai erdian. Silva eta Merino ez dira eroso egon, eta hori antzeman egin du Imanol Alguacilen taldeak, lerro artean jokatzeko orduan. Horri irtenbidea topatzeko, hegaletatik jokoa zabaltzen ahalegindu da Reala Januzaj eta Barrenetxearen bidez. Baina hortik ere kamuts. Bisitariek 28. minutuan sortu zuten aurrenekoz arriskua. Wassek urrutitik jaurti du, baina Remirok gelditu ona egin du. Valentziak ikusi du berea zela partidaren kontrola, eta patxadaz aritu da. Reala, berriz, presaka eta une batzuetan pazientzia gutxirekin, zulorik topatzen ez zuela ikusirik. Atsedenaldira 0-0 joan dira. Neurketa irekita zegoen, baina txuri-urdinek zerbait aldatu behar zuten garaipena lortzeko. Imanolek Oiartzabal zelairatu du, eta lehen zatian falta izan zaion bizitasuna berreskatu du talde txuri-urdinak. Valentzia atzean sartu du, eta jokoaren ekimena izan du. Gol aukerak sortzen hasi da horri esker, batez ere Januzajen pare bat jaurtiketari esker. Jaume atezainak, ordea, ondo erantzun zien belgikarraren ahaleginei. Lau aldaketa batera Imanolek lau aldaketa egin ditu, taldeari are bizitasun eta freskotasun handiagoa emateko. Roberto Lopez, Gebara, Portu eta Willian Jose atera dira azken 20 minutuak jokatzeko, baina ez zuen lortu. Oiartzabalek abagune ona izan du Reala aurretik jartzeko, 74. minutuan. Baloia iritsi zaio area barruan, eta zetorkion moduan jaurti du. Barrura zihoan, baina Jasonen gorputzean jo du baloiak. Hurrengo jokaldian, ordea, Valentziak ondo aprobetxatu du berea kontraeraso batean. Wassek ondo aldatu du jokoa Gayarentzat, eta hark erdiraketa ona egin du. Maxi Le Normand eta Elustondoren artean sartu da, eta gol arrastoan baloia bultzatzea besterik ez du egin behar izan. Golak eta Graciak egindako aldaketek hauspoa eman diote Valentziari. Reala, berriz, erdiraketen eta geldikako jokaldien bidez ahalegindu da berdinketa lortzen. Roberto Lopez izan da gehien saiatu dena, baina ez du lortu, eta azken jokaldian epaileak baliorik gabe utzi zuen txuri urdinen gola.
2020-9-30
https://www.berria.eus/albisteak/187632/bidenen-eta-trumpen-arteko-lehen-debatea-beroa-eta-bizia-izan-da.htm
Mundua
Bidenen eta Trumpen arteko lehen debatea beroa eta bizia izan da
Bi presidentegaiak pandemiaz, arrazaz eta euren senideez aritu dira eztabaidan. Trumpek Bideni egotzi dio «iruzur» egingo duela posta bidezko botoekin. Bidenek, berriz, «gezurtia» eta «pailazoa» deitu dio.
Bidenen eta Trumpen arteko lehen debatea beroa eta bizia izan da. Bi presidentegaiak pandemiaz, arrazaz eta euren senideez aritu dira eztabaidan. Trumpek Bideni egotzi dio «iruzur» egingo duela posta bidezko botoekin. Bidenek, berriz, «gezurtia» eta «pailazoa» deitu dio.
AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidentea aukeratzeko hauteskundeetarako bost aste falta direla, aurrez aurreko lehen debatea izan dute Donald Trump presidente eta hautagai errepublikanoak eta Joe Biden hautagai demokratak. Orain arte kanpainak erakutsitako jarrerak puztu eta harrotu ditu kamera aurreko eztabaidak. Bizia izan da, beroa, etenaldi zakarrez eta purrustada pertsonalez betea. Clevelanden elkartu dira bi presidentegaiak, Ohioko estatuan, eta 90 minutuz hitz egin dute etenik gabe, baina aldiro elkar etenez. «Zaila da hitz bakar bat esatea pailazo, barkatu, pertsona honen aurrean», esan du Bidenek, amorratuta. Chris Wallace moderatzaileak, Fox kate kontserbadoreko aurkezle beterano batek, behin baino gehiagotan eskatu dio Trumpi uzteko beste hautagaiari galdera erantzuten. Halako batean, «isilduko ahal zara behingoz, gizona!», bota dio Bidenek. Trump showman ezaguna da, eta erosoago aritzen da kameraren aurrean Biden baino. Marmarrean egindako ziztadak hortik, ezusteko garrasi erasokorrak hemendik, bere mezuak zabaldu ditu hasiera-hasieratik: Biden «sozialista» dela, haren semea «ustela» dela Biden presidenteordea zen garaian Ukrainako gas konpainia batean lan egin zuelako, eta «iruzurra» egingo dutela azaroko bozetan, postaz emandako botoen bidez. Bidenek, energia gutxiagorekin bada ere, eutsi die Trumpek erasoei, eta berak ere gogor hartu du aurkaria. Esan du Trump «gezurtia» eta «arrazista» dela, eta ez dakiela «ezer ere» kontatzen dituen gauzei buruz: «Irten zaitez zure bunkerretik eta golf zelaiko zure hondarrezko zulotik, eta egin ezazu egin behar duzuna bizitzak salbatzeko». Barack Obamaren gobernuko presidenteordeak (2009-2017) gehiago hitz egin du kamerari begira, zuzenean herritarrei zuzentzeko asmoz. Alderdi Demokrataren primarioetan Bidenek Bernie Sandersi irabazi zion arren, Trumpek haren izena aipatu du debatean, «ezker erradikalaren» mehatxuaz aritzeko. «Kontua da neuk irabazi niola Bernie Sandersi», erantzun dio Bidenek. «Orain, Alderdi Demokrata ni naiz». Iruzurra ala beldurra Debate osoan Bideni burla egiteaz gain, Trumpek zabaldu dituen mezu nagusietako bat izan da hauteskundeetan «iruzur» egingo dutela. «Pena da». Behin eta berriro azaldu du posta bidezko botoak iruzurra sustatzen duela, eta, pandemiak eragindako atzerapenaren eta posta bidezko botoen ondorioz «hilabeteak» pasatuko direla emaitzen berri izan arte. Galdetu diote ea bere jarraitzaileak beretuko dituen emaitza ez baldin bada azaroaren 3an bertan argitaratzen, eta baietz erantzun du. «Nire jarraitzaileei eskatzen diet hauteslekuetan dena arretaz behatzeko, hori delako egin behar dutena». Bidenek erantzun du berak lasaitasunerako deia egingo duela emaitzak berehala jakinarazi ezean, eta esan du Trump «beldur» dela botoak kontatzeko. Wallace moderatzaileak beste galdera zuzen bat ere egin dio egungo presidenteari: ea gaitzesten dituen zuri supremazistek eta haien miliziek egindako ekintzak. «Ikusten ditudan istilu ia denak ezkerretik eta mugimendu antifa-tik datoz», erantzun du hark. Bidenek leporatu dio «suari gasolina» botatzen diola, eta izkin egiten diola haien jarduna gaitzesteari, «arraza banaketa eta gorrotoa» sustatzea komeni zaiolako. Trumpek aitortu du klima larrialdia giza jardueraren ondorioa dela «neurri batean». Bidenek, berriz, adierazi du bera presidente izendatzen baldin badute AEBak klimaren Parisko Hitzarmenera itzuliko direla, eta Brasili mehatxu egingo diola «ondorio ekonomiko garrantzitsuekin» Amazonia «mutilatzeari» utzi ezean. «Milioiak ordaindu ditut» Joan den igandean, debatea baino bi egun lehenago, The New York Times egunkariak presidentearen aurkako albiste harrigarri bat eman zuen argitara. Haren arabera, Trumpek 645 euro ordaindu zuen zergetan 2016an eta 2017an. Hark bere burua defendatu du bart: «Milioiak ordaindu ditut zergetan», esan du. Bidenek aukera aprobetxatu du plan fiskal berri baten beharra nabarmentzeko. Eztabaida bukatu berritan CBS eta CNN kateetan egin dituzten inkestek Biden jo dute garaile, baina ez alde handiz. Gainera, Monmouth Unibertsitateak egin berri duen inkesta baten arabera, hautesleen %3k soilik adierazi dute «seguruenik» debateak izango duela eraginik botoa emateko orduan. Unibertsitate horren arabera, %5ek dute zalantza botoa nori eman.
2020-9-30
https://www.berria.eus/albisteak/187633/300-lagunek-eskatu-diote-jaurlaritzari-har-ditzatela-poliziaren-biktima-gisara.htm
Politika
300 lagunek eskatu diote Jaurlaritzari har ditzatela Poliziaren biktima gisara
Auzitegi Konstituzionalak bigarren aldiz babestu du polizia abusuen EAEko legea. Martxan dago biktimen balorazioa egiteko batzordea
300 lagunek eskatu diote Jaurlaritzari har ditzatela Poliziaren biktima gisara. Auzitegi Konstituzionalak bigarren aldiz babestu du polizia abusuen EAEko legea. Martxan dago biktimen balorazioa egiteko batzordea
Bigarren aldiz jaso du Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren onespena Poliziaren Indarkeriaren Biktimen EAEko Legeak. PPk jarri zuen helegitea, esanez «errugabetasun presuntzioa eta zuzenbide estatuaren printzipioak» urratzen dituela. Lehenago Ciudadanosek jarri zuen helegitea. Biak atzera bota ditu auzitegiak, esanez ez dagoela urraketarik. Legea indarrean da, eta biktimek aukera dute hala izenda ditzaten eskatzeko: 300 herritarrek baino gehiagok egin dute eskaria jada. Auzitegi Konstituzionalaren esanetan, konstituzioa betetzen du EAEko legeak. Izan ere, ondorioztatu dute ez dela sartzen epaileen zereginetan, legearen helburua ez baita poliziak epaitzea, indarkeria jasan duten biktimak erreparatzea baizik. Auzitegiaren arabera, legearekin ez da urratzen errugabetasun presuntzioa. Eusko Jaurlaritzak ontzat jo du epaia. «Albiste bikaina da gure herrian bizikidetza plural eta demokratiko baten alde urratsak egiteko», adierazi du Beatriz Artolazabal Justizia sailburuak. Legearen bidez errekonozimendua egin nahi diete 1978 eta 1999 artean Poliziaren indarkeriaren biktima izan zirenei. 2016an onartu zuten legea Eusko Legebiltzarrean, EAJren eta PSE-EEren botoekin; EH Bildu abstenitu egin zen, eta kontra jo zuten PPk eta UPDk. Iaz erreformatu egin zuten legea, Espainiako Gobernuak helegiterik ez jartzearen truke. Aldaketaren mami nagusia hau izan zen: delituak egiaztatzeko prozesuek aintzat hartu beharko dutela aurrez auzitegiek ebatzitakoa. Bozketan, EAJk eta PSE-EEk babestu zuten aldaketa, abstentziora jo zuten EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, eta aurka egin zuen PPk. Horren ostean iragarri zuen PPk auzitara jotzeko asmoa. Auzitegi Konstituzionalean jarri zion helegitea, eta orain iritsi da epaia. Eskaerak aurkeztea Uztailean iritsi zen beste epai bat, Ciudadanosek jarritako helegite bati buruzkoa, eta orduan ere babestu zuen legea Konstituzionalak. Hori ikusita, Jaurlaritzak jada martxan jarri du biktimen balorazioa egiteko batzordea, Artolazabalek azaldu duenez. Uztailean hasi zen bilerak egiten batzordea, Konstituzionalaren lehen sententziaren ondoren. Sailburuak iragarri du «legealdi osoa» joango dela erreparazio lan horretan. Biktima izaera eskatzeko aukera zabalik dago, eta 300 eskaera jaso dituzte orain arte. Epea luzatu egin dute, 2021eko abendura arte. Eskaera bakoitzari erantzuteko bi urteko epea du batzordeak.
2020-9-30
https://www.berria.eus/albisteak/187634/zazpi-alderdik-gobernu-koalizioa-osatzeko-akordioa-itxi-dute.htm
Mundua
Zazpi alderdik gobernu koalizioa osatzeko akordioa itxi dute
Alexander De Croo liberal flandriarra izango da gobernu berriaren lehen ministroa. Belgikak ia bi urte egin ditu gobernurik gabe, akordio bat adosteko zailtasunen ondorioz.
Zazpi alderdik gobernu koalizioa osatzeko akordioa itxi dute. Alexander De Croo liberal flandriarra izango da gobernu berriaren lehen ministroa. Belgikak ia bi urte egin ditu gobernurik gabe, akordio bat adosteko zailtasunen ondorioz.
Ia 500 egunen ostean, 21 orduko bilera amaigabe baten ondoren, eta goizaldeko ordu txikietan adostu dute Belgikarako gobernu koalizio berria. Alexander De Croo liberal flandriarra eta jarduneko Ekonomia ministroa izango da gobernua zuzentzeko arduraduna. Izan ere, aurreko gobernuburu Charles Michel —egun Europar Kontseiluko buru dena— frantses hiztuna zen, eta lehen ministro berria nederlandera hiztuna izatea zen eskaera nagusietako bat. Hala ere, Vivaldi koalizioa deiturikoak zazpi alderditako ordezkaritza izango du, tartean, valoniar sozialistena eta berdeena. Koalizioak adostutako puntuen artean daude mila milioi euro bideratzea inbertsioetara eta beste hainbeste behin-behineko neurrietara. Inbertsio horietako zenbait ere aurreratu dituzte: trenbideak, digitalizazioa eta segurtasuna, eta aurrez onartutako zerga digitala Googleren gisako enpresa handientzat. Orain, koalizioko kideek gobernu berriko karguak zehaztu behar dituzte hurrena. Bertako komunikabideek aurreratu dutenez, zazpi ministro valoniar izango ditu gobernuak eta beste hainbeste flandriar. Zenbait iturriren arabera, agenda sozialari lotutako ministerioak izango dira sozialdemokratenak, eta ekonomikoak liberalenak; berdeentzat, berriz, energia eta ingurumena izango lirateke. Gobernu akordiorik kanpo geratu dira Flandrian 2019ko maiatzeko hauteskundeetan indar bozkatuena izan ziren N-VAko nazionalistak eta boto gehien jasotako alderdietan bigarrena: eskuin muturreko Vlaams Belangekoak. Hala, oposizioaren jarrerari ez ezik, pandemiaren kudeaketari ere egin beharko dio aurre koalizio berriak.
2020-9-30
https://www.berria.eus/albisteak/187635/640-enpresak-eta-norbanakok-304-milioi-euro-zor-dizkiote-nafarroari.htm
Ekonomia
640 enpresak eta norbanakok 304 milioi euro zor dizkiote Nafarroari
2019 amaieran, oraindik ogasunarekiko zorra erregularizatu gabe zutenen artean %40 higiezin eta eraikuntza sektorekoak dira, eta %22, ostalaritzakoak.
640 enpresak eta norbanakok 304 milioi euro zor dizkiote Nafarroari. 2019 amaieran, oraindik ogasunarekiko zorra erregularizatu gabe zutenen artean %40 higiezin eta eraikuntza sektorekoak dira, eta %22, ostalaritzakoak.
Azken urteetan egin legez, Nafarroako Ogasunak 2019ko abenduaren 31n ogasunarekin euren zorra erregularizatu gabe zuten zordunen zerrenda kaleratu du. Sektore publikoari gutxienez 120.000 euro zor dioten enpresen eta norbanakoen izenak plazaratuz, ogasunak zorra murrizteko prozesuari ekin nahi dio. Iaz kaleratutakoarekin alderatuta, aldaketa batzuk daude. Lehenik eta behin, iaz 624 zordunek 302 milioi euro zor zioten ogasunari, eta aurten 640k 304 milioi euro zor zioten. Gobernuak azaldu duenez, aurten kaleratu den zerrendan beste 59 zordun sartu dira, eta horiek 19 milioi euro zor dituzte. Aldiz, beste 40 zerrendatik atera dira. Hainbat arrazoi daude horretarako: hamarren kasuan, hartzekodunen konkurtso prozesua bururaino iritsita, likidatu egin dituzte; beste hamarrek zorra 120.000 eurotik behera murriztu dute; beste lauri zorraren ordainketa epea luzatu zaie, eta soilik hiruk kitatu dute zorra. Gainerako 584 zordunek zerrendan jarraitzen dute, baina horien artean gorabeherak dira ogasunarekin duten finantza harremanean: 255i zorra handitu egin zaie (orotara, bost milioi gehiago, batez beste), 157k zorra murriztu dute (orotara, 6 milioi gutxiago) eta gainerakoek berdin jarraitzen dute. Zerrendan diren lau zordunetatik hiru enpresak dira (%76, zehazki). Horri lotuta, enpresa horietako asko arazoetan murgilduta daude. Zerrendan agertzen direnen laurdenak, kasurako, hartzekodunen konkurtso batean daude. Halaber, zordun horien zorraren %40,8 higiezin eta eraikuntza enpresakoak dira. Hartara, bertan agertzen dira 2008ko finantza krisian hondoratutako enpresa handiak: esate baterako, Construcciones Juan Bautista Flores (sei milioi euroko zorrarekin) edo Los Arcoseko zirkuituaren bultzatzaile Construcciones Samaniego (hiru milioiko zorrarekin). Gabriel Urralburu Izen ezagunen artean, Gabriel Urralburu Nafarroako lehendakari ohia agertzen da: 426.740 euroko zorra du oraindik ere (lau euro murriztu ditu 2018tik). Beste politikari ohi bat Ignacio Galipienzo Eguesibarko alkate ohia da —127.273 euro zor ditu, iaz baino 15.000 gutxiago—, Galipienzo auzi-ko akusatu nagusia —auzitegiek azkenean urtebeteko espetxe zigorra ezarri zioten—. Denis Mentxov eta Vladimir Karpets txirrindulari ohiek 411.112 eta 678.660 euro zor dituzte, hurrenez hurren. Mentxoven zorra handitu egin da, eta Karpetsen emazte edo senide batek beste 474.000 euro zor ditu. Gainera, 2008tik 2011ra Osasunan aritutako Kristian Vadocz jokalariak 153.352 euro zor ditu.
2020-9-30
https://www.berria.eus/albisteak/187636/madrilekin-akordioa-lortuta-zorpetzeko-eskubidea-izango-dute-foru-aldundiek.htm
Ekonomia
Madrilekin akordioa lortuta, zorpetzeko eskubidea izango dute foru aldundiek
Espainiako Gobernuak bi urtez eten ditu gastu publikoa murrizteko arauak, eta aukera eman die udalei bankuetan dituzten soberakinak 2021 arte erabiltzeko
Madrilekin akordioa lortuta, zorpetzeko eskubidea izango dute foru aldundiek. Espainiako Gobernuak bi urtez eten ditu gastu publikoa murrizteko arauak, eta aukera eman die udalei bankuetan dituzten soberakinak 2021 arte erabiltzeko
Foru aldundien eta udalen gastatzeko gaitasuna estutzen zuen gerrikoa askatu du Espainiako Gobernuak. Diputazioen tratamendua aldatuko du: ez ditu aurrerantzean tokiko erakunde gisa hartuko eta eskubidea eman die defizita izan eta hori estaltzeko zorpetze publikora jotzeko. Udalei dagokienez, defizita izateko baimenik ez eta aurreko urteetan soberakinak pilatu dituztenei diru hori aurten eta datorren urtean gastatzeko aukera emango die. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udal batzuek zorpetzeko aukera izango dute koronabirusak eragindako kalteak konpentsatzeko, hiru diputazioek iragarri baitute beren defizitaren zati bat haien esku utziko dutela. «Balio handikoa», «giltzarria», «Kontzertu Ekonomikoari emandako bultzada»... Poza ezkutatu ezinean aritu zen atzo Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburua, Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoaren ondorengo agerraldian. Negoziazio «sakonen» ondoren, batzorde horretan lotu zuten aldundien zorpetzeari buruzko akordioa. Nabarmendu zuenez, «lehen aldiz» lortu dute foru aldundiek zorpetzeko eskubidea, eta pandemiak eragindako egoera berezia igarotzen denean ere eutsi ahal izango diote. Hiru lurraldeetako BPGaren %0,9 adinako defizit batekin estreinatuko dute gaitasun hori. Kopuru zehatzetan, 595 milioiren defizita pilatu ahal izango dute eta zorpetzearen bidez estali. Hiruren artean banatu beharreko kopuru bat da hori: 300 milioi euro inguru Bizkaiko Aldundiak, 200 milioi Gipuzkoak eta 90 milioitik gora Arabak. Antzeko kopuruak 2021ean ere: %0,8ko defizita, 588 milioi euro. Diru asko da hori aldundientzat, beren aurrekontu propioen %15etik gora: Bizkaiak, 1.283 milioiren aurrekontu proiektua aurkeztu zuen 2020rako, 915 milioirena Gipuzkoak eta 518 milioirena Arabak. Berez, defizit kopuru horiek ez dira muga zorrotz-zorrotzak izango, erreferentziazko tasak baizik. Izan ere, Europako Batzordeak EBko kideekin egin duen bezala, Espainiako Gobernuak ere gastu publikoaren gaineko mugak lausotzea erabaki du bere menpeko erakundeekin. «Administrazio guztiei gaitasuna eman nahi diegu baliabide guztiak jartzeko herritarren zerbitzura», azaldu zuen Maria Jesus Montero Ogasun ministroak. %2,6ko erreferentzia Montero erkidego autonomoekin bilduko da astelehenean, eta orduan aurkeztuko dizkie erreferentzia tasak. Dagoeneko bereak badituzte Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak: BPGaren %2,6. Gasteizko gobernuaren kasuan, horrek esan nahi du 1.716 milioiren defizita pilatu ahal izango duela aurten, eta 1.617 milioirena datorren urtean (%2,2). Krisiak okerrera egiten badu eta gobernuaren beharrak ugaritzen badira kopuru hori handitzeko aukera dagoela onartu du Azpiazuk, baina betetzen saiatuko direla ere esan du:«Erantzukizunez jokatuko dugu». Izan ere, krisiaren okerrena igarotzen denean itzul daitezke kontu publikoak orekatzeko aginduak, eta orain zulo handia egiteak urte gutxi barru ahalegin handiak egitea ekar dezake. «Arrazoizko aurrekontuak» egiteko eskatu die Monterok administrazioei. %2,6ko defizita buruan dutela egingo ditu Jaurlaritzak bere ­aurrekontuak. Iazko soberakinekin, Espainiako Gobernuaren Covid Funtsetik jasotakoarekin eta baimendutako zorpetzearekin zerga bilketaren erorikoaren «zati oso garrantzitsu bat» estaltzeko gai izango direla azaldu du sailburuak. Urriaren 15ean bilduko da Finantzen Euskal Kontseilua, aurtengo eta datorren urteko zerga bilketaren aurreikuspenak egiteko.
2020-9-30
https://www.berria.eus/albisteak/187637/irunea-ez-dago-madrilek-hiriak-konfinatzeko-ezarri-dituen-irizpideen-barruan.htm
Gizartea
Iruñea ez dago Madrilek hiriak konfinatzeko ezarri dituen irizpideen barruan
Positiboen tasa eta PCR bidez atzemandako kasuak aintzat hartuta, itxi egin behar lukete, baina ZIUetako okupazioan hobeto dago. Espainiako Estatuko osasun ordezkariak bilduta daude, eta Madrilek gaur iluntzean erabakiko du zer neurri hartu.
Iruñea ez dago Madrilek hiriak konfinatzeko ezarri dituen irizpideen barruan. Positiboen tasa eta PCR bidez atzemandako kasuak aintzat hartuta, itxi egin behar lukete, baina ZIUetako okupazioan hobeto dago. Espainiako Estatuko osasun ordezkariak bilduta daude, eta Madrilek gaur iluntzean erabakiko du zer neurri hartu.
Izurria kontrolatze aldera, datuen bilakaera txarra duten 100.000 biztanletik gorako hiriak konfinatzen hasteko asmoa du Espainiako Gobernuak. Nafarroan datuek azken asteotan izan duten gorakada aintzat hartuta, Iruñera begira aparteko kezka dago, baina Madrilek ezarri dituen irizpideetatik kanpo dago, Espainiako Osasun Ministerioaren datuen arabera; positiboen tasa eta PCR bidez atzemandako kasuak aintzat hartuta, itxi egin behar lukete, baina ZIU zainketa intentsiboetako unitateetako okupazioan egoera hobean dago. Espainiako Estatuko erkidegoetako osasun arduradunak bilduta daude, eta Madrilek iluntzerako erabaki beharko luke zer neurri hartu. ZIUetan %22ko okupazioa dute orain Nafarroan, eta Madrilek %35ean ezarri du muga; hortik gorako okupazioa duten hiriek konfinatze arauak bete beharko dituzte. Populazioaz gainera, hiru aldagai erabaliko ditu Espainiako Gobernuak neurriak hartu behar diren ebazteko. Aurrena, 100.000 biztanleko 500 positibo atzeman izana hamabost eguneko epean. Bigarrenez, PCR positiboen maila %10etik gorakoa izatea. Hirugarrena lotuta dago ZIUen okupazioarekin. Nafarroan azken hamalau egunetako tasa 100.000 biztanleko 685,71 kasukoa da; Iruñekoa zehazki ez dela ezagutzen esan dute, hainbat osasun eremutan banatuta dagoelako. PCR testei dagokienez, irailaren 19tik 25era arteko astean %11,2 izan ziren positibo. Irizpide gehiago nahi ditu Txibitek Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak erran du ez dagoela «ez ados, ez desados» proposamenarekin, baina jarritako hiru horiez gain irizpide gehiago eskatu ditu: «Hiru irizpidek ez dute ematen egoeraren argazki erreala». Presidenteak adierazi du euren proposamena eramanen dutela gaur arratsaldean Espainiako Estatuko erkidegoetako osasun ordezkarien artean egitekoa den bilerara. «Irizpide eta adierazle gehiago» bilduko lituzke proposamenak; erraterako, ospitaleen okupazioa eta kasuen eta agerraldien arteko loturak eta jarraipena: «Horrek informazioa ematen du kasu bakoitzaren kontrolaz». Javier Remirez Nafarroako presidenteordeak ere adierazi du «jarrera eraikitzailez» joanen direla gaur arratsaldeko bilerara. Madrilek esparru orokor bat jartzearen inguruan ez du desadostasunik adierazi Txibitek: «Ados egon gaitezke esparru orokor bat egotearekin, zeina gero erkidego bakoitzak bere egoerara egokitu ahal izanen duen. Horretan datza kogobernantza». Urkulluk ez du «atseginez» hartu Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ez du «atseginez» hartu Madrilen proposamena. Azaldu du komunikabideen bitartez izan duela horren berri, eta Madrilgo lurraldera atxikita daudela neurriak. Txibitek bezala, hark ere bertzelako irizpide batzuk jartzeko eskatu du: bertzeak bertze, biztanleriaren dentsitatea. Azaldu du, halaber, «zehazki» aztertu behar dela non gertatu diren kutsatzeak. Urkulluk salatu du Eusko Jaurlaritzaren «kudeaketa gaitasuna mugatzen» duela Madrilen egindako aurreakordioak, eta ohartarazi du ez dela «beharrezkoa» bertze alarma egoera bat. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak ere salatu du «eskumenen espazioa hertsatu» egiten duela Espainiako Gobernuak eta Madrilgo erkidegoak egindako aurreakordioak.
2020-9-30
https://www.berria.eus/albisteak/187638/gorpuzki-batzuk-aurkitu-ditu-itsasontzi-batek-gipuzkoa-parean.htm
Gizartea
Gorpuzki batzuk aurkitu ditu itsasontzi batek Gipuzkoa parean
Arrantzan ari zen ontzia, eta sarean harrapatuta geratu ziren gorpuzkiak, kostatik 9,5 miliara. Guardia Zibila ari da ikertzen.
Gorpuzki batzuk aurkitu ditu itsasontzi batek Gipuzkoa parean. Arrantzan ari zen ontzia, eta sarean harrapatuta geratu ziren gorpuzkiak, kostatik 9,5 miliara. Guardia Zibila ari da ikertzen.
Joan den ostegunean, irailaren 24an, gorpuzki batzuk aurkitu zituzten Gipuzkoako kostatik 9,5 miliara, Guardia Zibilak jakinarazi duenez. Auzitegi medikuntzako institutura eraman zituzten, deskonposatzen ari baitziren, eta oraindik ez dakite noren gorpuzkiak diren. Desagertutako pertsonen fitxategiak aztertzen ari dira. Guardia Zibilaren Gipuzkoako itsas zerbitzuak jaso zuen abisua, eta Pasaian (Gipuzkoa) porturatu zen gorpuzkiak aurkitu zituen ontzia. Frantziako Poliziarekin ere harremanetan jarri dira, gorpua itsaslasterrek ekarria izan daitekeelakoan.
2020-9-30
https://www.berria.eus/albisteak/187639/plateruenari-agur-esker-ona-eta-atsekabea.htm
Kultura
Plateruenari agur: esker ona eta atsekabea
Plateruena kafe antzokiaren itxierari buruzko albisteekin batera etorri da herritarren erreakzio soka luzea. Penaz hartu dute albistea, eta esker ona adierazi diete hango kideei.
Plateruenari agur: esker ona eta atsekabea. Plateruena kafe antzokiaren itxierari buruzko albisteekin batera etorri da herritarren erreakzio soka luzea. Penaz hartu dute albistea, eta esker ona adierazi diete hango kideei.
Ia hemezortzi urteko bidea egin du Durangoko Plateruena kafe antzokiak, eta euskal kulturaren mapako erreferentziazko puntu nabarmena izan da urte horietan guztietan. Kooperatiba desegin eta eraikina ixtea erabaki zuten atzo, eta herritar ugarik eman diote agurra sare sozialetan. Agerian geratu da leku horrek euskaltzale eta kulturzaleengan utzi duen arrastoa. Igor Elortza bertsolaria proiektuaren sustatzaileetako bat izan zen, baita zuzendaritza batzordeko kide ere. Zenbait azalpen eman ditu Twitterren, zenbakitan: «2.139 kultur ekintza egin dira, guztira, Plateruenan: kontzertuak, herri-ospakizunak, hitzaldiak, errezitaldiak, bertso saioak, dantzaldiak, eta beste». Baita diru kontuak ere: «Plateruenaren jardunak 754.000 euroko kostua izan du, batez beste, hamasei urtetan. %87 autofinantzatua izan da. %13 diru laguntzetatik». Eta zenbakiez harago ere bai: «Durango duela hogei urte baino hobeto dago gaur euskal kultura bultzatuko duen proiektu berri bati ekiteko. Azpiegituragatik, esperientziagatik eta kulturgileen arteko sareagatik. Hori bai ezin dugula desegiten utzi». Makina bat musikari eta artistaren aterpea izan da Plateruena, eta haien mezuak asko hedatu dira Interneten. «Ez, ez da posible, ezin liteke!», idatzi du Fermin Muguruzak. «Nire 60. urteurrena bertan ospatzeko gelditu ginen 50.a ospatu genuenean». DJ Bullek Plateruenaren argazki bat jarri du Instagramen. «Nire hasiera izan zen! Kultura altxor hori ez dadila hil!». Lutxo Egia idazleak ere eskerrak eman dizkie «Plateruenaren orbitan» lan egin duten guztiei: «Baditugu herri honetan kultura prestigiatzen duten sortzaile asko. Kulturak merezi du. Baina, gainera, zorionez, zuek bezalako bidelagunak ere baditugu». Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluari «mingarria» egin zaio albistea. «Ekaineko #GeroaEuskaratik adierazpenean, euskal kultur arnasguneak babesteko estrategien urgentzia aldarrikatu genuen. Irailean hau». Hainbat lagunek zabaldu dituzte Plateruenan igarotako une kuttunak sare sozialetan.
2020-9-30
https://www.berria.eus/albisteak/187640/87-milioi-euro-jarriko-dituzte-turismo-eta-merkataritza-bonuetarako.htm
Ekonomia
8,7 milioi euro jarriko dituzte turismo eta merkataritza bonuetarako
Bost, hamar eta hogei euroko ia milioi bat bonu jarriko dituzte eskuragarri, urriaren 28tik aurrera. 26 milioi euro mobilizatzea espero dute.
8,7 milioi euro jarriko dituzte turismo eta merkataritza bonuetarako. Bost, hamar eta hogei euroko ia milioi bat bonu jarriko dituzte eskuragarri, urriaren 28tik aurrera. 26 milioi euro mobilizatzea espero dute.
Euskadi Turismo Bonua eta Euskadi Bonudenda aurkeztu dituzte Eusko Jaurlaritzak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek, eta hiru lurralde horietako hiriburuetako udalek, enpresa txiki eta ertainei «lagundu» eta kontsumoa «aktibatzeko» asmoz. Denera, 8,7 milioi euroko inbertsioa egingo dute; bost milioi euro saltokietara bideratuta, eta 3,7 milioi turismora. Horri esker 26 milioi euro mobilizatzea espero dute. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hemezortzi urtetik gorako edonork erabili ahal izango ditu, eta, turismo bonuen kasuan, baita lurralde horietatik kanpo bizi direnek ere. Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok eman ditu bonuen inguruko xehetasunak. Ia milioi bat bonu jarriko dituzte kontsumitzaileen eskura, 466.250 ostalaritzarako eta 500.000 merkataritzarako. Azken horiek hamar euroko balioa izango dute, eta gutxienez 30 euroko erosketa bat egin beharko da erabili ahal izateko. Erabiltzaile bakoitzak, gainera, lau bonu erabili ahal izango ditu gehienez, hau da, 40 euroko deskontua. Turismorako eta ostalaritzarako bonuen kasuan, berriz, hiru modalitate daude. Lehen biak ostalaritzara, jatetxeetara eta turismo intereseko jarduerei lotutako enpresetara bideratuta daude. Bost eta hamar eurokoak izango dira. Lehena erabiltzeko, ezinbestekoa izango da gutxienez hogei euroko erosketa bat egitea, eta bigarrenen kasuan, berriz, 40 eurokoa. Hirugarren modalitateko bonuak turismo alorreko ostatuetan erabili ahal izango dira. Horiek hogei euroko balioa izango dute, gutxienez 60 euroko erosketetan erabiltzeko. Ezingo dira, ordea, establezimendu berean bi bonu baino gehiago gastatu, eta gehienez 40 euroko deskontua baliatu dezake pertsona bakoitzak. Bonuak ez dira fisikoak izango, saltokian nortasun agiria erakustea nahikoa izango da-eta gehienezko kopurua bete ez dela ziurtatzeko. Agindua urriaren 5ean argitaratuko da, eta parte hartu nahi duten enpresek urriaren 6tik 27ra bitarteko epea izango dute izen emateko. Hala, kontsumitzaileek hilaren 28tik aurrera eskuratu ahal izango dituzte bonuak. Arabako diputatuorde nagusi Cristina Gonzalezen arabera, kanpainaren helburua udaren eta Gabonen arteko epean kontsumoa sustatzea da.
2020-9-30
https://www.berria.eus/albisteak/187641/moriako-kanpalekua-laquotortura-eremu-batraquo-izan-dela-salatu-du-ikerketa-batek.htm
Mundua
Moriako kanpalekua «tortura eremu bat» izan dela salatu du ikerketa batek
Grupo de Accion Comunitaria elkarteak Moriako kanpalekuko errefuxiatuen egoera aztertu du. Nabarmendu duenez, Europaren migrazio politikak iheslariak zigortzeko helburua du, eta nazioarteko zuzenbidearen aurkakoa da.
Moriako kanpalekua «tortura eremu bat» izan dela salatu du ikerketa batek. Grupo de Accion Comunitaria elkarteak Moriako kanpalekuko errefuxiatuen egoera aztertu du. Nabarmendu duenez, Europaren migrazio politikak iheslariak zigortzeko helburua du, eta nazioarteko zuzenbidearen aurkakoa da.
«Moriako errefunxiatuentzako kanpalekua tortura eremu bat izan da, oso-osorik, azken urteetan handik igaro diren milaka asilo eskatzailerentzat». Ondorio argia atera du GAC Grupo de Accion Comunitaria buruko osasunaren eta giza eskubideen arloan aritzen den elkarteak. Moriatik pasatu diren 160 asilo eskatzaileren testigantzak bildu dituzte, eta abenduan argitaratuko den ikerketaren laburpen bat aurreratu dute gaur. Europako migrazio politikek sostengatzen duten torturaren arkitektura izena du txostenak. Azaldu dutenez, Moriatik pasatu diren iheslariek «inpaktu handia» jasan dute «beren identitateetan», kanpalekuan pairatu dituzten bizi baldintzen ondorioz. «Besteengan konfiantza izateko giza ahalmena» galdu dute, eta «era erradikalean» aldatu zaie munduari buruz zuten ikuspegia. Ikerketaren arabera, Morian bizitzen izan direnentzat bizipen traumatikoenetako bat izan da jasan duten indarkeria baimentzen duten pertsonak daudela jakitea, eta, are gehiago, indarkeria hori era zuzenean beraien kontra gauzatzeko gai diren pertsonak badirela jakitea. Torturak ez du zertan beti zauri fisikoekin lotuta egon beti, GACen txostenak ohartarazi duenez, «baina norbere barruaren haustura mingarriena dakar, biziaren kontrol galera erabatekoa eragiten duelako, baita eguneroko gauza txikienetan ere». Ikerlariek ondorioztatu dute Moriako kanpalekuak ez dituela gizakien oinarrizko funtzioak bete ahal izateko baldintzak eskaini. Elkarrizketatuen ia guztiek goseak, ur eskasiak eta lo faltak eragindako sufrimendua pairatu dute, eta ez dute gutxieneko higiene pertsonala zaintzeko modurik izan. Kanpalekua eraiki zenean, 3.000 pertsona hartzeko pentsatua izan zen, baina 20.000 asilo eskatzaile inguru ere hartu izan ditu. Ondorioz, beharrezko azpiegiturarik gabe eta pilatuta bizi izan dira iheslariak. Ikerketan elkarrizketatutakoen %40k baino gehiagok salatu dute ez dutela bi metro karratuko azalera ere izan berentzat, eta %60k ez dutela une bat bera ere izan bakarrik egoteko. Horrez gain, denek adierazi dute ezin izan direla muturreko tenperaturetatik babestu. Horrez gain, indarkeria giroa sufritu dutela ere ohartarazi du txostenak; bereziki, emakumeek. Elkarrizketatutako emakemeen %40k baino gehiagok adierazi dute sexu abusuak jasan dituztela, %12,5ek bortxatu egin dituztela eta %13,7k ugaltze indarkeria salatu dute. Indarkeria giroa orokortua dela nabarmendu dute, baina. Elkarrizketatuen bosten batek baino gehiagok umiliazio erasoak jasan dituzte. Indarkeria horrek itxaropenik eza, mina eta beldurra eragiten dituela nabarmendu du GACek, eta horrek eragin zuzena izan duela asilo eskatzaileen buru osasunean. Hala, elkarrizketatuen %80ek «muturreko izua» izan dute, eta herenek ia une oro edo etengabe dute sentipen hori. Itxaropen falta ohikoa zaie elkarrizketatuen %30i, eta inoiz bere buruaz beste egitea pentsatu izan dute. Hiru elkarrizketatutik batek adierazi du ez dela gai eguneroko jarduera oinarrizkoak egiteko, sentipen horien ondorioz. Zigor zentzagarria GACen ikerketak ondorioztatu duenez, Moriako kanpalekua zuzenean dago lotuta Europaren migrazio politikaren helburuekin. Txostenaren esanetan, migrazio politika horrek Europako mugak gurutzatzen dituztenak zigortzea du helburu, beste batzuek bide bera egin ez dezaten, eta Moria horren adibide «agerikoena» dela ziurtatu du. Elkarteak gogorarazi du «tortura egoera» hori sufritzen dutenak nazioarteko babes bila daotozen pertsonak direla, «beren jaioterrira itzuliz gero erahilak izateko arrisku handian daudelako». Asiloa eskatzeko prozesua nazioarteko zuzenbidean jasota eta hark babestuta dagoela gaineratu du, eta Moriak hura urratzen duela. «Aurrekari arriskutsu bat da». BERRIA Moriako kanpalekuan bizi ziren eta hura erre ostean uhartean jarraitzen duten zenbait asilo eskatzaileren testigantzak biltzen ari da Moriako erretratuak seriean, Iñaki Agirre kolaboratzailearen eskutik.