date
stringdate
2012-09-20 00:00:00
2023-12-01 00:00:00
url
stringlengths
47
182
category
stringclasses
10 values
title
stringlengths
3
140
subtitle
stringlengths
0
1.17k
summary
stringlengths
5
1.18k
text
stringlengths
2
35.8k
2020-9-19
https://www.berria.eus/albisteak/187134/ana-urkiza-eusko-ikaskuntzako-lehendakari-izendatu-dute.htm
Politika
Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakari izendatu dute
Idazle eta itzultzaileak Iñaki Dorronsororen lekukoa hartuko du. 102 urtean erakundea zuzenduko duen lehen emakumezkoa izango da. Urkizari eginiko elkarrizketa argitaratuko du bihar BERRIAk.
Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakari izendatu dute. Idazle eta itzultzaileak Iñaki Dorronsororen lekukoa hartuko du. 102 urtean erakundea zuzenduko duen lehen emakumezkoa izango da. Urkizari eginiko elkarrizketa argitaratuko du bihar BERRIAk.
Eusko Ikaskuntzak gaur egin du Batzar Nagusia, eta bertan izendatu dute lehendakari berria: Ana Urkiza Ibaibarriaga idazle eta itzultzailea. 1918an sortu zenetik, Eusko Ikaskuntzako lehendakari guztiak gizonezkoak izan ira, eta Urkiza izango da aurreneko andrea. Harekin batera, Kontseilu Errektoreko kide izango direnak ere aukeratu dituzte: Asier Etxenike (Arabako kontseilukidea), Zelai Nikolas (Bizkaiko kontseilukidea), Manu Olariaga (Gipuzkoako kontseilukidea), Isabel Elizalde (Nafarroako kontseilukidea) eta Eguzki Urteaga (Ipar Euskal Herriko kontseilukidea). Era berean, batzarrean onartu dute 2019ko jardueren memoria, iazko emaitzen kontua eta haren aplikazio proposamena, 2020ko ekintza plana eta horri lotuta dagokion aurrekontua, eta, azkenik, estatutuen eguneratzea. Emaitzak ezagutarazi ondoren, Urkizak konfiantza eskertu du, eta etapa berriari ekin dio Iñaki Dorronsoro lehendakari ohiak mendeurreneko kongresuaren amaieran erabilitako hitz berberak aipatuz: «Eusko Ikaskuntza hemen dago, sortu eta 100 urtera, ideiekin eta proposamenekin, Euskal Herriaren zerbitzura lan egiten jarraitzeko gogoz (...) ezagutza sortuz, gure egungo erronkak ulertzeko eta erantzunak emateko». Urkizak esan duenez, «ilusioz» hartzen du erantzukizuna, «talde lana eta Eusko Ikaskuntzak eskaintzen dituen ekarpen, ezagutza, iritzi eta sentsibilitate anitzak kontuan hartuta». 2020-2024 aldirako lan programa ere onetsi du batzarraren gehiengoak. Horren arabera, Eusko Ikaskuntza «Euskal Herriko gizartea eta erakundeak inplikatuko dituen herri estrategia bat garatzeko erreferente nagusi gisa kokatzea du helburu nagusi».
2020-9-19
https://www.berria.eus/albisteak/187135/pogacarrek-lehertu-egin-du-tourra.htm
Kirola
Pogacarrek lehertu egin du Tourra
Esloveniarrak azken unean kendu dio maillot horia Roglici, erlojupeko ikusgarria eginda. Porte podiumera igo da, Miguel Angel Lopezen kaltetan. Landa laugarren jarri da
Pogacarrek lehertu egin du Tourra. Esloveniarrak azken unean kendu dio maillot horia Roglici, erlojupeko ikusgarria eginda. Porte podiumera igo da, Miguel Angel Lopezen kaltetan. Landa laugarren jarri da
Tourraren historiara pasako den iraultza gauzatu du Tadej Pogacarrek (UAE) lasterketako azken-aurreko etapan. 57 segundora zuen Primoz Roglic (Jumbo) sailkapen nagusian; bada, erlojupeko bikaina egin, saioa irabazi, eta herrikideari maillot horia kendu dio. Aurreneko Tourra zuen, eta irabazi egin du. Roglicek poltsikoan zuen garaipena, mendateak ahaltsu igaro eta gero, baina hondoratu egin da; non, eta espezialista den esparruan. Ia bi minutu galdu ditu helmugan. Lur jota iritsi da, eta bizikletatik jaistean, ezin zuen sinestu ere egin. Ezta Pogacarrek ere. Tourraren historiako bigarren irabazlerik gazteena izango da, Henri Corneten ostean –hemeretzi urterekin irabazi zuen 1904ean–. Podiumeko hirugarren koskan ere aldaketa egon da. Miguel Angel Lopez (Astana) hirugarren zen, baina saio negargarria egin du, eta aurrea hartu dio Richie Portek (Trek). Baita Mikel Landak ere (Bahrain). Bosgarren postuari eustea zen arabarraren helburua, baina horren ordez, postu bat egin du gora. Hala, laugarren bukatuko du Tourra, podiumaren atarian, 2017an bezala. Orduan, segundo bakarrera gelditu zitzaion loria. Orain, berriz, urrutiago, 2.28ra. Enric Mas (Movistar) bosgarren jarri da, eta Lopez seigarren posturaino amildu da. Lehen denbora aipagarria Remi Cavagnak (Deceuninck) ezarri d: 57.54. Haren marka denbora luzez egon da indarrean, harik eta sailkapen nagusiko ziklistak helmugaratzen hasi diren arte. Wout van Aert (Jumbo) izan da frantziarraren denbora ontzen lehena; 28 segundo atera dizkio. Gero, Tom Dumoulinek (Jumbo) aurrea hartu dio bere taldekideari, hamar segundo eskasengatik. Zaila zirudien inork herbeheretarraren aurretik bukatzea, baina Pogacarrek hegan egin du, bai ordekan, baita La Plancheko aldapa pikoetan ere. Erlojuari astindua eman dio: Dumoulin baino 1.21 azkarragoa izan da. Etapako podiuma Portek osatu du, Dumoulinen denbora berarekin. Horiek horrela, Pogacar koroatu egingo da bihar Parisen, lasterketa hankaz gora jarri eta gero. Ez da Tour ikusgarria izan, mendateetan ez baita faboritoen arteko lehia bizirik ikusi. Baina bukaera, luzaroan oroitzeko modukoa izan du.
2020-9-19
https://www.berria.eus/albisteak/187136/denboraldiko-lehen-porrota.htm
Kirola
Denboraldiko lehen porrota
Emaitzak adierazten duena baino alde handiagoa egon da bi taldeen artean. Aurretik jarri bada ere bigarren zatian, eroso eman dio buelta etxeko taldeak.
Denboraldiko lehen porrota. Emaitzak adierazten duena baino alde handiagoa egon da bi taldeen artean. Aurretik jarri bada ere bigarren zatian, eroso eman dio buelta etxeko taldeak.
Eibarrek 2-1 bakarrik galdu du Vila-realen zelaian Jokoaren bilakaera ikusita, alde handiagoarekin galtzea izango zen normalagoa. Baina etxekoek asmatu ez dutelako atearen aurrean, partidan sartuta egon da Jose Luis Mendilibarren taldea. Aurretik ere jarri da, partidako aurreneko gola Eibarrek sartu duelako, bigarren zatian, baina ikusten zen lanak izango zituela puntua ateratzeko ere. Hala izan da, eta eroso antzean irauli du emaitza Unai Emeryren taldeak. Horrenbestez, aurreneko partida galdu dute gipuzkoarrek liga honetan, eta puntu bakarrarekin geratu dira. Hasieratik zulatu du etxeko taldeak Eibarren defentsako lana, eta hamargarren minuturako gola ere egina zuen. Baina VAR-ak baliorik gabe utzi du Gerard Morenoren gola. Handik gutxira, Inuik izan du gola sartzeko aukera, baina Asenjok zulo guztiak itxi dizkio. Segituan berrekin dio Vila-realek Eibarren atzeko lerro aurreratuari zirrikituak egiten, baina ez zuen asmatzen gola sartzen. Ura edateko geldialdiaren ondoren, atsedenaldiaren aurreko azkeneko hamabost minutuetan jokatu ditu minutu onenak Eibarren. Hala ere, atseden hartzera galtzen joateko gutxi behar izan zuen azkeneko minutuan. Indarrak berreskuratu eta gero, antzeko bidetik joan da partida: eroso zebilen Emeryren taldea. Erasoan zailtasun handirik gabe lortzen zuen Eibar zulatzea, eta defentsan ez zen estutasunik pasatzen ari. Baina Kikek, 50. minutuan, huts bat baliatu du gola sartzeko. Handik hamahiru minutura Gerard Morenok egin du berdinketa, eta 71. minutuan, VAR-ak eman du balekotzat Alcacerren gola. Eibarren, debuta egin zuten atzo Kevinek eta Kadziorrek, azken hamar minutuetan.
2020-9-20
https://www.berria.eus/albisteak/187169/unai-lasok-ez-du-baiko-enpresan-jarraituko.htm
Kirola
Unai Lasok ez du Baiko enpresan jarraituko
Enpresaren arabera, kontratua berritzeko negoziazioan ez dira bat etorri pilotariarekin.
Unai Lasok ez du Baiko enpresan jarraituko. Enpresaren arabera, kontratua berritzeko negoziazioan ez dira bat etorri pilotariarekin.
«Gaur, irailak 20, Unai Laso pilotariak Baiko Pilotako kide izateari utzi dio». Horrela iragarri du Baiko Pilota enpresak pilotariarekiko harremana eten duela. Enpresak adierazi duenez, pilotariak ez ditu onartu abuztuaren 12an Baikok eskaini zion kontratu berriaren baldintzak. Beste proposamen bat egin zion atzera jokalariak Baikori, baina enpresak ez zuen onartu azken hori. «Alde biak ez dira adostasun batera iritsi eta Unai Lasok ez du Baiko Pilotan jarraituko». Enpresak «egoera ekonomikoa» aipatu du, eta ados jarri ez izana «sentitzen» duela gaineratu du. Pilotariari esan dio «ateak zabalik» dituela. Enpresari jarrera aldatzeko eskatu ziotenen artean dago Laso. Enpresak gatazka du bere pilotari gehienekin. Lasok lan saria hobetzeko eskatu zion enpresari, azken boladan emaitzak asko hobetu dituelako. Laso binakakoaren finalerdietan aritzekoa zen, Jon Ander Albisurekin. Enpresak ordezko bat topatu beharko du orain. Ez da ari Caixabank Mastersean. Baikok itxaropen handiak jarri zituen Lasorengan. 23 urte ditu, kolpe bizia, eta buruz buruko lanetarako dohainak.
2020-9-20
https://www.berria.eus/albisteak/187170/positibo-gutxiago-baina-gaixo-gehiago-ziun.htm
Gizartea
Positibo gutxiago, baina gaixo gehiago ZIUn
Denera, beste 35 gaixo sartu dituzte erietxeetan azken 24 orduetan, eta 80 daude zainketa berezian.
Positibo gutxiago, baina gaixo gehiago ZIUn. Denera, beste 35 gaixo sartu dituzte erietxeetan azken 24 orduetan, eta 80 daude zainketa berezian.
Osakidetzak eta Osasunbideak eman dituzten azken datuen arabera, hego Euskal Herrian 634 positibo atzeman zituzten atzo, hau da, ostiralean baino 298 gutxiago. Denera, 11.676 PCR proba egin zituzten lau herrialdeotan. Kontuan hartu behar da aurreko egunean 12.746 proba egin zituztela (932 positibo). Araban Bizkaian eta Gipuzkoan, aztertutakoen %4,7k eman zuten positibo, eta Nafarroan, %8,06k. Nafarroan, Iruñerrian daude kutsatu gehienak (%57); Tutera aldean %14 dira, eta Lizarra inguruan, %6. Beraz, datu ofizialen arabera, beste 227 kutsatu atzeman dituzte Bizkaian (aurreko egunean baino 39 gutxiago), 68 Araban (30 gutxiago), 149 Gipuzkoan (80 gutxiago), eta 187 Nafarroan (147 gutxiago). Datuok badute ifrentzua: Nafarroan kutsaturiko bi emakume hil ziren larunbatean, 90 urtekoa bata eta 92 urtekoa bestea. Erietxeetan pertsona gutxiago sartu badira ere (35 larunbatean), lau pertsona gehiago daude egun zainketa intentsiboetako unitateetan: 80.
2020-9-21
https://www.berria.eus/albisteak/187171/hortzak-erakutsi-dizkio-erraldoiari.htm
Kirola
Hortzak erakutsi dizkio erraldoiari
Jokalari asko min hartuta egon arren, Realak ondo eutsi dio Real Madrili. Gola sartzeko aukerarik onenak ere txuri-urdinek izan dituzte.
Hortzak erakutsi dizkio erraldoiari. Jokalari asko min hartuta egon arren, Realak ondo eutsi dio Real Madrili. Gola sartzeko aukerarik onenak ere txuri-urdinek izan dituzte.
Iazko ligako garaileak denboraldi berriko estreinako lehia jokatu zuen atzo. Real Madrilek bikain bukatu zuen joan den denboraldia, baina bart ez zuen nagusitasun irudirik eman Realaren aurka; donostiarrek zail jarri zizkieten gauzak, eta irabazteko aukera onenak ere eurek izan zituzten. Asmatzea falta, ordea. Txuri-urdinentzat ere denboraldiko lehen partidua zen etxean, publikorik gabeko Anoetan. Erritmo biziz hasi zen norgehiagoka. Real Madril egin zen baloiaren jabe, eta Realak zailtasunak izan zituen espainiarren presioa gainditzeko. Lehen zati ia osoa atzean sartuta igaro zuten donostiarrek, eta gola sartzeko aukerak ere izan zituzten madrildarrek. Argienak, Sergio Ramosek eta Benzemak. Gola iristea denbora kontua zela zirudien, baina lehen zatiko aukerarik onena, azkenean, txuri-urdinek izan zuten: Isak area barruan bakarrik geratu zen Oiartzabalen pase bati esker, baina aurrelari suediarraren jaurtiketari bikain erantzun zion Courtoisek. Ezberdina izan zen bigarren zatia. Lehen zati ia osoan madrildarrek nagusitasun irudia eman zuten, baina bigarrenean donostiarrak izan ziren nagusi. Aurrean, Barrenetxeak izan zuen aukera garbiena, baina haren errematea gutxigatik kanpora joan zen. Nekearen ondorioz edo, ez zioten hasierako erritmoari eutsi Zidanen jokalariek, eta sendo aritu ziren Realeko atzelariak. Norgehiagoka bikaina jokatu zuten Aritzek eta Le Normandek, eta Remiro atezainak ere arazo handirik gabe geratu zituen Real Madrileko jokalarien saiakerak. Azkenean, golik ez eta puntu banaketa. Real Madrilek, 2015. urteaz geroztik, ligako estreinako partida guztiak irabaziak zituen. Silva, Urko eta Odegaard Azken minutuetan, moteldu egin zen erritmoa. Bi taldeek aldaketak egin zituzten, eta, besteak beste, bi jokalarik egin zuten debuta elastiko txuri-urdinarekin. Batetik, Realak aurten egin duen fitxaketa sonatuena sartu zen zelaira, David Silva, Alex Isaken ordez. Ikusmin handia sortu du jokalari beteranoaren debutak, baina kanariarrak ez zuen asko parte hartu jokoan. Estreinakoa jokatu zuen beste jokalaria harrobiko Urko Gonzalez de Zarate izan zen. Imanol Alguacilek 88. minutuan sartu zuen, eta bizpahiru baloi garrantzitsu aldendu zituen erdilariak azken minutuetan. Real Madrilen, berriz, Martin Odegaard Realeko jokalari ohia izan zen berritasun nagusia. Realaren hamaikakoa: Remiro; Gorosabel, Aritz, Le Normand, Aihen Muñoz; Guevara (Urko), Merino, Oyarzabal (Januzaj); Portu, Barrenetxea (Bautista) eta Isak (Silva), Real Madrilen hamaikakoa: Courtois; Carvajal, Varane, Ramos, Mendy; Kroos, Modric (Fede Valverde), Odegaard (Casemiro); Rodrygo (Marvin Park), Vinicius (Arribas) eta Benzema.
2020-9-21
https://www.berria.eus/albisteak/187172/pogacarrek-irabazi-du-frantziako-tourra.htm
Kirola
Pogacarrek irabazi du Frantziako Tourra
Larunbateko erakustaldiaren ostean, Parisen elastiko horia jantzi du eslobeniarrak. Euskaldunik onena Mikel Landa izan da, laugarren, eta Eliseoko zelaietan San Bennett gailendu da, erregulartasunaren sariaren irabazlea.
Pogacarrek irabazi du Frantziako Tourra. Larunbateko erakustaldiaren ostean, Parisen elastiko horia jantzi du eslobeniarrak. Euskaldunik onena Mikel Landa izan da, laugarren, eta Eliseoko zelaietan San Bennett gailendu da, erregulartasunaren sariaren irabazlea.
Tadej Pogacar eslobeniarrak irabazi du 2020. urteko Frantziako Tourra. Txirrindulariak 22 urte beteko ditu gaur, eta larunbatean egin zion oparia bere buruari: elastiko horia orduan jantzi zuen lehen aldiz. Txirrindularitza zaleek ez dute berehalakoan ahaztuko Pogacarrek egindako erlojupekoa. Atzo, ohikoa den moduan, ibilaldi soil bat izan zen lasterketako irabazlearentzat, eta, hala, Tourra irabazi duten txirrindulari gazteenetan bigarrena bilakatu da UAE Emirates taldeko liderra. Eslobeniar batek Frantziako Tourra irabazten duen lehen aldia da, baina aurtengoan argi zegoen hala gertatuko zela. Primoz Roglicek sailkapen nagusia aise irabaziko zuela zirudien larunbata baino lehen —eslobeniarra da hura ere—, baina eskuetatik kendu zion altxorra bere herrikideak, eta atzo biak igo ziren Parisko podiumera, Richie Porte australiarrarekin batera. Portek ere, 35 urterekin, ezustekoa eman du hirugarren sailkatuta. Askok onenak emanda zituela uste zuten, baina larunbatean erlojupeko bikaina egin eta hirugarren kokatzea lortu zuen. Mikel Landak ere gertu izan du podiuma. Mungiakoa laugarren izan da sailkapen nagusian, euskaldunik onena, eta, azken aurreko etapan postu bat gora egin zuen arren, ez du lortu lehen hiru sailkatuen artean sartzea. Landaren ostean, haren taldekide Pello Bilbao izan da euskaldunik onena sailkapen nagusian: hamaseigarren amaitu du. Pogacar, hiru aldiz Pogacar, gainera, hiru bider igo zen sariak jasotzera, sailkapen nagusiaz gain mendiko saria eta gazte onenarena ere irabazi baititu. Talderik onena Nafarroan egoitza duen Movistar Team izan da, eta erregulartasunaren elastiko berdea Sam Bennett irlandarrak eskuratu du, atzoko etapako garaileak. Bennettek indartsuena zela erakutsi zuen esprinterren etaparik preziatuenean, eta aurre hartu zien Mads Pedersen munduko txapeldunari eta Peter Sagani.
2020-9-21
https://www.berria.eus/albisteak/187174/bi-akatsek-kondenatu-dute.htm
Kirola
Bi akatsek kondenatu dute
Atzean ahul ibili da Alaves, eta horrek erabaki du neurketa. Banakoarekin, Edgarren jaurtiketa batek zutoinean jo du, eta jarraian heldu da Granadaren bigarren gola. Lehen bi jardunaldietan bi porrot jasan dituzte gasteiztarrek.
Bi akatsek kondenatu dute. Atzean ahul ibili da Alaves, eta horrek erabaki du neurketa. Banakoarekin, Edgarren jaurtiketa batek zutoinean jo du, eta jarraian heldu da Granadaren bigarren gola. Lehen bi jardunaldietan bi porrot jasan dituzte gasteiztarrek.
Bi akatsek, bi momentuk erabaki zuten Granadaren eta Alavesen arteko neurketa. Partidan zehar, gehiago izan zen Granada, baina egia da ez zutela haiek ere aukera argirik sortu, eta Alavasek ere izan zituela bereak. Momentuz, bi norgehiagokatan bi porrot jasan dituzte gasteiztarrek, biak gol bakarragatik eta azken minutuetan jasotako gol baten ondorioz. Lehia hasi eta gutxira zabaldu zuen markagailua Roberto Soldadok, zazpigarren minutuan. Ikustekoa izan zen gola: Darwin Machisek pilota aldendu zuen defentsatik, ia Granadaren areatik bertatik, eta Soldadok agerian utzi zuen Ely defentsa brasildarra, hari lasterka aise irabazita. Makal ibili zen Alaveseko jokalaria. Pase bakar batekin heldu zen Granada Pachecoren ate pareraino, eta aurrelariak bikain amaitu zuen jokaldia. Gutxi geroago berdindu zuen neurketa Alavesek. Joseluk falta bat jaurti zuen area ertzetik, eta haren jaurtiketa indartsua izan zen bat eta batekoa. Gaizki kokatuta harrapatu zuen Rui Silva, eta atezainaren zutoinetik sartu zen baloia. Hortik aurrera, lehen zatian, sufritu egin zuen Alavesek, eta aukera argiren bat edo beste ere izan zuen Granadak; tartean, Antonio Puertasek ate aurrean huts egin zuen bat. Horregatik, atsedenaldian, sistema aldatu zuen Machisek, eta ez zion emaitza txarra eman: bigarren zatian, defentsan sendoago ibili zen Alaves. Momentuak Emaitzak, ordea, ez zuen gauza bera erakutsi. 75. minutuan izan zuten arabarrek aurrea hartzeko parada bikaina. Erdiraketa bat errematatu zuen Edgarrek atetik metro gutxira, baina atezainaren eta zutoinaren artean, baloia ez sartzea lortu zuten. Jarraian, Silva atezainak Edgarri penaltia egin ziola esan zuten, baina VAR-ak ez zuen halakorik ikusi. Momentu batetik bestera aldatu ziren gauzak, ordea. Granadaren erdiraketa batean gaizki kalkulatu zuen Duarte Alaveseko atzelariak; ez zuen baloia aldendu, eta bakar-bakarrik geratu zen Darwin Machis. Haren lehen errematea ondo geratu zuen Pachecok, baina ezin izan zuen ezer egin bigarrenean. Bi eta bat, eta buelta punturik gabe. Granadaren hamaikakoa: Rui Silva; Foulquier, Domingos Duarte, Vallejo, Carlos Neva; Gonalons, Yangel Herrera (Montoro), Luis Milla (Victor Diaz); Antonio Puertas (Kenedy), Machis (German) eta Soldado (Jorge Molina). Alavesen hamaikakoa: Pacheco; Laguardia, Lejeune, Ely (Duarte); Edgar (Guidetti), Abdalli (Ximo Navarro), Bataglia, Pere Pons, Luis Rioja (Borja Sainz); Joselu eta Deyverson.
2020-9-21
https://www.berria.eus/albisteak/187175/eraikin-publikoak-eta-tabernak-itxi-dituzte-zestoan.htm
Gizartea
Eraikin publikoak eta tabernak itxi dituzte Zestoan
28 kasu baieztatu dituzte azken egunetan, eta neurri murriztaileak hartu dituzte agerraldiari aurre egiteko asmoz. Datozen egunetan egoera «kontrolatzea» espero dute.
Eraikin publikoak eta tabernak itxi dituzte Zestoan. 28 kasu baieztatu dituzte azken egunetan, eta neurri murriztaileak hartu dituzte agerraldiari aurre egiteko asmoz. Datozen egunetan egoera «kontrolatzea» espero dute.
Pandemiaren lehen olatuak ia ez zuen eraginik izan herrian, baina azken egunetan gogor jo du. Eusko Jaurlaritzak emaniko azken datuen arabera, 28 COVID-19 kasu atzeman dituzte Zestoan (Gipuzkoa). Kasu guztiak herrigunean baieztatu dira, eta ez du eraginik izan auzoetan. Halere, egoera «egonkortzen» ari dela azaldu dio Mikel Arregi alkateak BERRIAri: «Hemendik aurrera beherakada bat gertatzea da logikoena». Izan ere, azken orduetan, positibo bakarra baieztatu dute. Uneotan, 200 lagun inguru daude konfinatuta, tartean udal gobernua, bi zinegotzik positibo eman baitute. Halere, ez dute uste transmisio komunitariorik gertatu denik, eta «bi edo hiru egunean» kontrolatuta egotea espero du alkateak. Alkateak azaldu du herriko osasun zentroan «gainezka» daudela. Izan ere, asteburuan itxita egon da, eta ilarak daude PCR probak egiteko. Larunbatean eta igandean, bizilagunek probak egin behar izan zituzten Zarautzen. Denera, 200 proba inguru egin dituzte Zestoan, eta datozen egunetan gehiago egitea espero dute. «Gaurko eta biharko egunak erabakigarriak izango dira», azaldu du Arregik. Gauzak hala, eta Jaurlaritzaren erantzunaren zain egon gabe, neurri bereziak ezartzea erabaki du udalak. «Zentzuz eta erantzukizunez» jokatu beharra azpimarratu du Arregik, besteak beste, adinekoen eta haurren artean ere hainbat kasu baieztatu dituztelako. Horregatik, presazko hainbat erabaki hartu dituzte agerraldiari «aurre hartzeko» asmoz. Eguneko zentroa itxi zuten ostiralean, Gipuzkoako Foru Aldundiak aholkatuta, eta astebururako prestatutako ekitaldiak bertan behera utzi zituzten. Erabakiak ez dira horra mugatu, eta gaurtik aurrera itxita egongo dira kiroldegia, liburutegia, gaztetxea eta jarduera kulturaletara bideratutako eraikinak. Udalarekin egin beharreko gestioak ere telefonoz edo Internet bidez egiteko eskatu dute, udaletxea irekita egongo den arren. Eraikin publikoek soilik ez, herriko tabernek ere pertsiana jaitsia izango dute. Bi tabernatako langile banak positibo eman dute PCR proban, eta horiek asteburuan itxi behar izan zuten. Gainerako tabernak ere ixtearen alde egin du udalak, baina, Arregiren esanetan, asteburua iritsi aurretik berriz irekitzea espero dute. Ikusteko dago, ordea, zer gertatuko den herriko ikastetxearekin. Egun, 40 ikasle inguru konfinatuta daude, baina gainerakoek klaseekin jarraitzea espero dute. Agerraldiaren jatorria zehaztu gabe dago oraindik, baina hasierak bat egiten du herriko festak ospatu ohi diren datekin. Aurtengoak bertan behera geratu dira, baina Arregik adierazi du egun horietan ohi baino mugimendu handiagoa egon zela kale eta tabernetan.
2020-9-21
https://www.berria.eus/albisteak/187176/espetxe-politika-aldatzearen-aurkako-lobby-bat-dagoela-salatu-du-foro-sozialak.htm
Politika
Espetxe politika aldatzearen aurkako lobby bat dagoela salatu du Foro Sozialak
Foro Sozial Iraunkorrak berak jardunaldi bat antolatu du Madrilen datorren ostegunerako, espetxe politikaren inguruan.
Espetxe politika aldatzearen aurkako lobby bat dagoela salatu du Foro Sozialak. Foro Sozial Iraunkorrak berak jardunaldi bat antolatu du Madrilen datorren ostegunerako, espetxe politikaren inguruan.
Foro Sozial Iraunkorrak kezka adierazi du «presio handiko lobby batek gero eta eragin handiagoa» duelako: «Lobby hau iraganeko logiketan oinarrituta dago, eta gai honetan egin beharreko urratsak baldintzatu nahi ditu, batez ere politika instituzionalean, baina baita ebazpen judizialak edo administratiboak ere». Lobby horrek «eragile politikoak, asoziatiboak, mediatikoak, biktimen sektore antolatuak eta fiskaltzaren eta epaileen sektoreak» biltzen dituela ohartarazi du. Biktimen elkarte batzuen jarrerarekin ere kezka agertu du foroak, «biktima bakoitzak bere minaz egiten duen kudeaketarekiko erabateko errespetutik, elkarte batzuk interes partikularra eta interes orokorra nahasten ari direlako». Espetxe politikaren inguruan datorren ostegunean Madrilen egitekoak diren jardunaldi baten berri ematearekin batera ezagutarazi du foroak lobby horren presentzia. Foro Sozial Iraunkorrak, Ezkerreko Abokatuen Foroarekin (FAI) eta Justizia Administrazioaren Letraduen Sindikatuarekin (SISEJ) elkarlanean, espetxe politikari buruzko jardunaldi bat antolatu du Madrilen datorren ostegunerako. Ecoo espazioan egingo dute topaketa, 16:00etatik aurrera, Euskal Herria: espetxe politika berri bat normaltasun berri baterako izenburupean. Irekiera hitzaldia Antonio Martin Pallin Espainiako Auzitegi Goreneko magistratu emerituak egingo du. Segidan, Motibazio Politikoko Delituengatik Zigortutako Presoei Ezarritako Espetxe Politikaren Behatokia aurkeztuko du Aitzol Asla Bizkaiko Abokatuen Elkargoko kideak, eta bi mahai inguru egingo dituzte ondoren. Aurrenekoan, Nola igaro salbuespenezko espetxe politika batetik espetxe politika normalizatu batera? galderari erantzungo diote Javier Mirak, Silvina Ribottak, Xabier Etxebarriak eta Amaia Izkok; bigarrenean, berriz, Marta Vicente, Daniel Amelang, Marta Urbano eta Juan Izquierdo ariko dira hizketan Balio demokratikoak eta espetxe sistema espainiarra, aro berri bat izenburupean. Foro Sozial Iraunkorrak gogorarazi du bere helburuetako bat "Espainiako Estatuan espetxe politikaren aldaketaren aldeko iritzi korronte bat aktibatzea" dela, eta jokaleku horretan antolatu du Madrilgo topaketa.
2020-9-22
https://www.berria.eus/albisteak/187177/erreskatatu-dituzte-tasmanian-hondartuta-dauden-pilotu-izurde-gutxi-batzuk.htm
Bizigiro
Erreskatatu dituzte Tasmanian hondartuta dauden pilotu izurde gutxi batzuk
Erreskatatutakoak itsasora bidali dituzte berriz ere. Aurkitu zituzten 270 izurdeen herenak, ordea, hilda zeuden erreskate lanak hasterako.
Erreskatatu dituzte Tasmanian hondartuta dauden pilotu izurde gutxi batzuk. Erreskatatutakoak itsasora bidali dituzte berriz ere. Aurkitu zituzten 270 izurdeen herenak, ordea, hilda zeuden erreskate lanak hasterako.
«Arrakastaz askatu dugu pilotu izurdeen (Globicephala) talde txiki bat, eta uretan daude berriz ere». Tasmaniako ipar-ekialdeko parkeez eta faunaz arduratzen den erakundeko Nic Dekaren hitzak dira. Bart hasi ziren herenegun hondartuta aurkitu zituzten 270 izurdeak erreskatatzeko lanak Tasmaniako Macquarie badian (Australia), eta, izurde batzuk erreskatatu izana albiste ona den arren, herenak erreskatea hasi baino lehenagotik hilda zeudela baieztatu dute. Han lanean dabilen Kris Carlyon biologoak azaldu duenez, itsasontziz ezin izan dute heldu 200 izurde ingururenganaino. Ondorioz, erreskate taldeek «indarrak batu behar izan dituzte» bizitzeko aukera gehien zituzten izurdeei laguntzeko: «Animalia batzuk handiegiak ziren guk lagundu ahal izateko, eta beste batzuk oso kokapen txarretan zeuden». Hainbat aditu eta sorosle daude egunotan Macquarie badian, datozen egunetan hartu beharreko neurriak balioztatzen. Gune babestu bat da, oso oihantsua. Erreskate lanetan inguruko hainbat boluntario dabiltza, eta gunea itxita dago. Carlyonek gehitu du erronka nagusia dela uretaratuta dauden izurdeak ondo bideratzea. Aurreratu du egun batzuk beharko dituztela animaliek hartzen duten norabidea jakiteko eta haiei laguntzeko. Berriz Tasmanian Duela hogei urte inguru gertatu zen antzeko zerbait, azkenekoz, Tasmanian. Deigarria da Australiak kostan hainbeste kilometro izanda han soilik gertatzea fenomeno hori. Gertatu den aurreko aldietan, zientzialariek esan izan dute baleak kostaldera gerturatu direla itsasontzi handien uhinei jarraika, edo gaixo eta galduta dagoen taldeburu baten atzetik. Aditu batzuek uste dute baleak animalia lagunkoiak direla, eta batek akats bat egin arren besteek jarraitu egiten diotela.
2020-9-21
https://www.berria.eus/albisteak/187178/sea-watch-4-ontzia-palermoko-portuan-geldiarazi-dutela-salatu-du-msfk.htm
Mundua
'Sea Watch 4' ontzia Palermoko portuan geldiarazi dutela salatu du MSFk
Bost hilabetean geldiarazten duten bosgarren ontzia da Mugarik Gabeko Medikuak gobernuz kanpoko erakundearena.
'Sea Watch 4' ontzia Palermoko portuan geldiarazi dutela salatu du MSFk. Bost hilabetean geldiarazten duten bosgarren ontzia da Mugarik Gabeko Medikuak gobernuz kanpoko erakundearena.
MSF Mugarik Gabeko Medikuak gobernuz kanpoko erakundeak salatu du Sea Watch 4 erreskate ontzia Palermoko portuan geldiarazita dagoela joan den larunbataz geroztik. Egun horretan, Siziliako portu agintaritzak ontzia aztertu zuen 11 orduz, eta hainbat huts aurkitu zituen. Ontziko arduradunen esanetan, ordea, itsasontzia bahimendu administratibopean jartzea zuten helburu hasieratik. «Itsas legedia baliatzen dute ontziek erreskateak egin ez ditzaten. Erabaki politiko baten ondorioa da hau», salatu dute gobernuz kanpoko erakundekoek. Itsasontziak 354 pertsona erreskatatu zituen lehen bidaian, bakarrik zihoazen adin txikikoak eta bi urte baino gutxiagoko haurrak tartean. Ontziko medikuek hainbat lagun artatu behar izan zituzten, batez ere, intoxikazioen ondorioz. «Denetarik ikusi dugu erreskatatutako pertsonen artean; hasi buruan jasotako kolpe baten ondorioz, itsu gelditu den haurrarengandik eta Libian plastiko urtua bota zioten gizonarenganaino. Guk jende hori artatzen dugun bitartean, gobernuak euren esku dagoen guztia egiten ari dira arreta hori eman ez dezagun», kritikatu du Barbara Deckek, ontziko koordinatzaile medikuak. Administrazioaren azterketak erreskate lanak eragozteko bidea bilakatu direla gaitzetsi du Ellen van der Veldenek, MSFko erreskate lanetarako arduradunak: «Erreskate ontzi bat Italiako portu batera sartzen den aldiro, neurrigabeko azterketak egiten dizkiote, inolako zentzurik gabeak, huts txikiak aurkitu eta hari bahimendua ezartzeko aukera izan arte. Pertsonak sistematikoki erreskatatzea egozten digute, eta ontzian salbagerriko gehiegi eramatea; eta bitartean entzungor egiten diote arriskuan dauden ontziei laguntzeko obligazioari». Lampedusa Berrehun pertsonarentzako tokia duen Lampedusako harrera zentroan 1.200 lagun inguru daude egun. Asteburuan iritsi dira horietako asko, Afrikako kostaldetik. Goizaldean, esaterako, 263 pertsona heldu dira dozena bat ontzitan; haietatik gehienak, Tunisia eta Libiakoak. Italiako Gobernuak ugaritu egin ditu migratzaileak Tunisiara itzultzeko hegaldiak, herrialde harekiko akordioak berritu ostean. Gaur egun astean gehienez 80 pertsona itzuli ditzakete Tunisiara, baina Erromak kopuru horiek bikoiztu nahi ditu datozen asteetan.
2020-9-21
https://www.berria.eus/albisteak/187179/hegoaldearen-esportazioak-205-murriztu-dira-uztailera-arte.htm
Ekonomia
Hegoaldearen esportazioak %20,5 murriztu dira uztailera arte
Are gehiago ari dira txikitzen inportazioak, %23,4 hain zuzen ere.
Hegoaldearen esportazioak %20,5 murriztu dira uztailera arte. Are gehiago ari dira txikitzen inportazioak, %23,4 hain zuzen ere.
Urtea beherakada handiarekin amaituko du kanpo merkataritzak. Martxoaren erdialdetik maiatzaren erdialdera izandako etenari buelta ematerik ez dute Hego Euskal Herriko enpresek, eta iaz baino nabarmen gutxiago ari dira esportatzen. Ekainera arte, esportazioen erorikoa %21,5koa zen; hilabete geroago, uztaileko datuak bilduta, %20,5 txikitu dira esportazioak iazko datuen aldean. Hau da, puntu bakarra berreskuratu dutela. Uztailean bertan %13,7 txikitu dira esportazioak, iazko uztailarekin alderatuz gero. Ekainean, berriz, beherakada oso antzekoa izan zen, %13,3koa. Guztira, 16.765 milioi euroren balioa duten produktuak esportatu dituzte Hegoaldeko enpresek, iazko lehen zazpi hilabeteetan baino 4.325 milioi euro gutxiago. Inportazioak gutxiago apaldu dira kopuru osoetan (-3,546 milioi euro), baina gehiago portzentualki (-%23,4), haien pisua txikiagoa baita kanpo merkataritzan. Izan ere, uztailera arte 5.190 milioi euroko kanpo saldo positiboa dute Hego Euskal Herriko lan lurraldeek (esportazioak ken inportazioak). Bi dira kanpo merkataritzaren sektore nagusiak: ekipo ondasunak (makinak, trenak, osagaiak...) esportazioen %37 izan dira urtarrilaren 1etik uztailaren 31 arte, eta beste %10,4, berriz, autoak. Biak txikitu dira azken urtean, baina gehiago autoak (-%32,4) ekipo ondasunak baino (-%17,1).
2020-9-21
https://www.berria.eus/albisteak/187180/hainbat-espetxetan-komunikazioak-eten-dituztela-salatu-dute-sarek-eta-etxerat-ek.htm
Politika
Hainbat espetxetan komunikazioak eten dituztela salatu dute Sarek eta Etxerat-ek
Presoek eta haien senideek "garai oso zailak" bizi dituztela adierazi dute bi elkarteek, eta pandemiak "salbuespenezko erregimenaren aplikazioa" areagotzen duela. Positibotzat jo dituzte Eusko Legebiltzarrean eta Espainian espetxe politika aldatzeko egindako adierazpenak.
Hainbat espetxetan komunikazioak eten dituztela salatu dute Sarek eta Etxerat-ek. Presoek eta haien senideek "garai oso zailak" bizi dituztela adierazi dute bi elkarteek, eta pandemiak "salbuespenezko erregimenaren aplikazioa" areagotzen duela. Positibotzat jo dituzte Eusko Legebiltzarrean eta Espainian espetxe politika aldatzeko egindako adierazpenak.
Espainiako Estatuko 30 espetxe inguruk bisean biseko komunikazioak eten dituztela salatu dute Sarek eta Etxerat-ek. Pandemiaren ondorioz hartutako erabaki bat dela adierazi dute, baina euskal presoei eta haien senideei are gehiago eragiten diela, “urruntze politikari eusteak eta euskal presoei salbuespenezko erregimena aplikatzeak” egoera larriagotzen duela adieraziz. Bisean bisekoak baimenduta dauden espetxeen kasuan, pertsona bakar bat edo bi joan daitezke bisitan, eta zenbait espetxetan asteburuetan egin beharrean astegunetan egiten direla salatu dute bi elkarteek. Adierazi dute horrek “asaldura larria” sorrarazten diela bisita egiteko lanorduak galdu behar dituzten senideei. Gehitu dute pertsona kopurua mugatua denez zenbait euskal presok sei hilabete baino gehiago daramatzatela beren familiako zenbait kide ikusi barik. “Urruntze politika eta horrelako egoerek dakartzaten eskubide urraketak” amaitzeko bidean, positibotzat jo dituzte Eusko Legebiltzarrean eta Espainiako Kongresuan eta Senatuan egindako adierazpenak, baita sindikatuek “salbuespen politika amaitzeko” hartutako konpromisoa ere.
2020-9-21
https://www.berria.eus/albisteak/187181/positibo-kopuruak-goia-jo-du-nafarroan.htm
Gizartea
Positibo kopuruak goia jo du Nafarroan
Beste 749 kasu atzeman dituzte Hegoaldean, eta nabarmen ugaritu dira Nafarroan: 362 kutsatu detektatu dituzte azken egunean. 501 lagun daude erietxeratuta Hego Euskal Herrian, eta 82 gaixo daude ZIUetan.
Positibo kopuruak goia jo du Nafarroan. Beste 749 kasu atzeman dituzte Hegoaldean, eta nabarmen ugaritu dira Nafarroan: 362 kutsatu detektatu dituzte azken egunean. 501 lagun daude erietxeratuta Hego Euskal Herrian, eta 82 gaixo daude ZIUetan.
Hirurehun kasuren langa gainditu du Nafarroak, berriz ere: 362 kasu atzeman dituzte azken egunean. Bigarren olatuan erregistratutako kopururik handiena da, oraingoz. Foru Erkidegoan egindako PCR proba guztien %14,4k positibo eman dute. Iruñerrian atzeman dituzte kasu gehienak, erregistratutakoen %52, zehazki. Halaber, Tuteran detektatu dituzte kopuru osoaren %10, eta Lizarrerrian, berriz, %4. Hegoaldeko gainerako lurraldeetan, berriz, aurreko egunean baino koronabirus kasu gutxiago detektatu dituzte. Bizkaian 163 kasu atzeman dituzte, Gipuzkoan 142 izan dira, eta Araban, berriz, 73. Dena dela, egun bakarrean egindako PCR kopuruak nabarmen egin du behera hiru lurralde horietan: bi mila gutxiago egin dituzte; 7.316, zehazki. Egindako proben %5,2k eman dute positibo. Azken egunean 34 lagun ospitaleratu dituzte Hegoaldean. Horietatik 12 Nafarroan erietxeratu dituzte, eta 22, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Guztira 501 pertsona daude ospitaleratuta Hegoaldean, eta, oraintxe bertan, 82 gaixo daude ZIUetan, aurreko egunean baino bi gehiago. Kasu gehiago zaharren egoitzetan Koronabirusak jota lau egoiliar hil dira azken bi egunetan Bizkaiko zaharren egoitzetan, Bizkaiko Aldundiak jakinarazi duenez. Halaber, azken egunean positibo gehiago detektatu dituzte Hego Euskal Herriko egoitzetan. Nafarroan, agerraldi bat atzeman dute Funesko zaharren egoitzan. Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialen kontseilari Mari Carmen Maeztuk jakinarazi duenez, hango bi egoiliarrek positibo eman dute, eta kasu gehiago detektatu dituzte dagoeneko koronabirus kasuak zituzten beste bi egoitzatan: bi atzeman dituzte San Jose zentroan, eta beste bi Olabeko Mentalia egoitzan. Araban ere kasu gehiago atzeman dituzte berriki. Zuiako Orobide egoitza pribatuan bederatzi egoiliarrek positibo eman dute azken egunean.
2020-9-21
https://www.berria.eus/albisteak/187183/n-121-a-errepidea-itxi-dute-gipuzkoako-zatian-azpiegitura-arazoengatik.htm
Gizartea
N-121-A errepidea itxi dute Gipuzkoako zatian, azpiegitura arazoengatik
Bi zubitan «gabeziak» atzeman ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta bidea itxi du Intxaurreta eta Gurutze lotuneen artean. Errepide zaharretik bideratuko dute zirkulazioa.
N-121-A errepidea itxi dute Gipuzkoako zatian, azpiegitura arazoengatik. Bi zubitan «gabeziak» atzeman ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta bidea itxi du Intxaurreta eta Gurutze lotuneen artean. Errepide zaharretik bideratuko dute zirkulazioa.
Azpiegituretan arazoak sumatu dituztela eta, N-121-A errepidea itxi egin dute Gipuzkoako zatian. Diputazioak azaldu duenez, errepidean egindako azterketek erakutsi dute arazoak daudela bi zubitan, Intxaurreta eta Gurutze lotuneen artean, eta bidea ixtea erabaki dute, «erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko». Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak ohar batean azaldu duenez, teknikariak lanean ari dira arazoa nola bideratu aztertzeko, baina, oraingoz, itxita egongo da errepidea. Zirkulazio handiko errepidea da, Iruñea eta Irun (Gipuzkoa) lotzen baititu. Ohiko ikuskaritza batean atzeman dituzte arazoak, diputazioaren arabera. Urtean ehun egitura aztertzen dituzte, eta N-121-A errepideko bi zubitan daude «akatsak». Oraingoz, ez dute zehaztu zenbaterainoko arazoa den eta konponbidea nola emango dioten. N-121-A errepidea itxita, bide zaharretik ari dira zirkulazioa bideratzen, GI-3455etik.
2020-9-21
https://www.berria.eus/albisteak/187184/koronabirusaren-biktimak-omendu-dituzte-gasteizen.htm
Gizartea
Koronabirusaren biktimak omendu dituzte Gasteizen
Iñigo Urkullu lehendakariak gidatu du ekitaldia. Pandemiarengatik hildakoak gogoratu ditu, eta elkartasuna adierazi die familiei. «Elkarrizketa soziala» bultzatu dadin galdegin du, bizikidetza sozialaren berreraikuntzarako.
Koronabirusaren biktimak omendu dituzte Gasteizen. Iñigo Urkullu lehendakariak gidatu du ekitaldia. Pandemiarengatik hildakoak gogoratu ditu, eta elkartasuna adierazi die familiei. «Elkarrizketa soziala» bultzatu dadin galdegin du, bizikidetza sozialaren berreraikuntzarako.
Gaurtik, izen berria du Gasteizko Sekuoiaren Parkeak. «Oroimenaren, elkartasunaren eta itxaropenaren parkea» izanen da hemendik aurrera, Iñigo Urkullu lehendakariak azaldu duenez. Sempervirens parkea izendatu dute, beti berde, alegia. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan koronabirusaren ondorioz hildako pertsonak omendu dituzte ekitaldian. Bertan adierazi dutenez, koronabirusarekin eri ziren 1.800 pertsona baino gehiago hil dira hiru lurralde horietan martxoaz geroztik. Biktimei aitortza egiteko landatu duten sekuoia baten inguruan egin dute ekitaldia, eta oroitzapenezko plaka bat ipini dute bertan. Ekitaldian izan dira, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria, Eusko Jaurlaritzako sailburuak, diputatu nagusiak eta Gasteizko, Bilboko eta Donostiako alkateak. Baita Eudeleko, Arartekoko eta alderdi politikoetako beste zenbait ordezkari ere. Hildakoak oroitu eta haien familiei elkartasuna adierazteaz gain, Urkulluk eskerrak eman dizkie pandemiari aurre egiteko lanean ari diren profesionalei. Erantsi du, gainera, hemendik aurrera ere premiazkoak izanen direla «ahalegin kolektiboa, konpromisoa eta elkartasuna». Datozen urteetan izanen diren helburuak ere aipatu ditu Urkulluk. «Ekonomiaren eta enpleguaren susperraldi gogor eta premiazkoari aurre egin beharko zaio», adierazi du. Gasteizen egindako omenaldiaz harago, lehendakariak dei egin die Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko udalei, eta proposatu die herrika beste ekitaldi batzuk antola ditzatela, herri bakoitzean koronabirusaren ondorioz izandako biktimak omentzeko.
2020-9-21
https://www.berria.eus/albisteak/187186/santurtzik-irabazi-du-eusko-label-liga.htm
Kirola
Santurtzik irabazi du Eusko Label Liga
'Sotera'-k Portugaleteko bandera ere irabazi du, zeregin gutxi izan duen Hondarribiaren kalterako. Zarautz izan da nagusi sailkatze estropadan, eta onenekin jarraituko du datorren urtean; Tiran ere igo da.
Santurtzik irabazi du Eusko Label Liga. 'Sotera'-k Portugaleteko bandera ere irabazi du, zeregin gutxi izan duen Hondarribiaren kalterako. Zarautz izan da nagusi sailkatze estropadan, eta onenekin jarraituko du datorren urtean; Tiran ere igo da.
Hondarribiarekin buruz buruzko lehia izan du, baina azkenean Sarturtzik eskuratu du bere lehendabiziko Eusko Label Liga. Atzo lortu zuen, Portugaleteko (Bizkaia) uretan, eta txapeldunari dagokion moduan: azken bandera ere bereganatuz. Hondarribia bosgarren izan zen estropadako sailkapenean; larunbatean kolpea hartu zuen Kontxako irabazleak —26 ehunenengatik gainditu zuen Santurtzik—, eta atzo laugarren kaletik joateak gehiegi baldintzatu zuen Ama Guadalupekoa-ren lana. Santurtzik hirugarren kaletik egin zuen arraun, eta, hura ere kalerik onena ez zen arren, izugarrizko estropada egin zuen Sotera-k. Garaipenak berretsi zuen ligak kolore morea zuela; egiari zor, bizkaitarrak izan dira ontzirik erregularrena ligan, eta Hondarribiak ezin izan ditu gainditu, behetik gora zetorren arren. Datu batek erakusten du Santurtzik izandako erregulartasuna: bederatzigarren jardunaldian irabazi zuen lehen bandera, baina ordurako ligako liderra zen. Azken hiru banderak ere Iker Zabalaren mutilek irabazi dituzte. Sailkapen nagusiko beste lehiaren protagonistak Urdaibai eta Orio izan ziren. Puntuetan berdinduta zeuden bi ontziak, hirugarren postuan, eta Orio estropadan aurretik joan zen arren, azkenean bermeotarrek aurrea hartu zieten. Izugarria izan zen azken metroetako lehia, eta elkarren palak ere ukitu zituzten bi taldeek. Epaileek hiru segundoko zigorra ezarri zieten biei, eta azkenean bi segundo eskas atera zizkion Bou Bizkaia-k Mirotza-ri; nahikoak ligako podiumean sartzeko. Zarautz eta Tiran, TKEn Eguneko beste bi irabazleak Zarautz eta Tiran izan ziren. Eusko Label Ligako estropadaren aurretik jokatu zuten sailkatze estropadaren bigarren jardunaldia bost ontzik, eta lehen jardunaldian aurreneko bi postuetan izan zirenek lortu zuten helburua: Zarautzek, Eusko Label Ligan mantentzea, eta Tiranek, mailaz igotzea. Ur-lasterra oso indartsua zen Nerbioi ibaian, eta ontziek arazo handiak izan zituzten ziabogak hartzerakoan. Ziabogetan onena Zarautz izan zen, eta estropada ere hark irabazi zuen. Tarteak, ordea, estuak izan ziren, aurreko egunean bezala. Inoizko sailkatze estropadarik berdinduenetakoa izan da aurtengoa. Enbatak hamar segundo atera zizkion bosgarrenari, Samertolameuri, eta bigarrena, hirugarrena eta laugarrena, berriz, segundo eta erdian sartu ziren. Laugarren izan zen Tiran, baina, larunbateko emaitzei esker, San Pedrok eta Pedreñak baino bi puntu gehiago eskuratu ditu asteburuan, eta onenekin lehiatuko da 2021. urtean.
2020-9-21
https://www.berria.eus/albisteak/187187/mantsoago-ibiliko-da-bilbo.htm
Gizartea
Mantsoago ibiliko da Bilbo
Martitzenetik Bilbon ezingo da orduko 30 kilometroko abiadura gainditu. Kutsadura eta istripuak gutxitzeaz gain, oinezko eta bizikletazko mugimendua sustatzea da xedea.
Mantsoago ibiliko da Bilbo. Martitzenetik Bilbon ezingo da orduko 30 kilometroko abiadura gainditu. Kutsadura eta istripuak gutxitzeaz gain, oinezko eta bizikletazko mugimendua sustatzea da xedea.
Uztailean urte bi bete ziren Bilboko Udalak hiriburuko hainbat kaletan ibilgailuentzat abiadura muga orduko 30 kilometrora jaitsi zuenetik. Hain zuzen ere, kaleen %87an egon da muga hori indarrean. Gainontzekoetan orduko 50 kilometrokoa izan da. Datorren martitzenetik aurrera —irailaren 22a, Autorik Gabeko Eguna—, 50eko muga zuten horietara ere zabalduko da 30ekoa. Hartara, Bilboko kale guztietan ezingo da orduko 30 kilometroko abiadura gainditu. «Mundu osoan 300.000 biztanle baino gehiago dituen lehen hiria izango gara abiadura muga hori ezartzen», ohartarazi du Bilboko bigarren alkateorde eta Mugikortasun zinegotzi Alfonso Gilek. Abuztutik ibili dira udal beharginak seinaleak aldatzen, datorren astean dena prest edukitzeko.p> Gilek azaldu du hasiera batean ez zutela 30eko muga hori hiri osoan ezartzeko asmorik izan. «Bilboko sarreretan eta irteeretan eta auzoen arteko loturetan 50eko muga nahi genuen. Baina ikusi dugu 30ekoak onura itzelak ekarri dituela. Eta zerbait ona bada, hiri osora zabaldu behar da». Hain zuzen, urte biotan igarritako lau onura aipatu ditu Mugikortasun zinegotziak: «Ibilgailuek eragindako zarata edo kutsadura akustikoa apaldu egin da, kutsadura eragiten duten partikulen isurketa ere txikitu da, istripuak gutxitu dira, eta bizikletaren erabilerak gora egin du». Horrez gainera, herritarrei mugikortasuna erraztu gura izan dietela ere esan du: «Asko izan dira non joan behar duten 30era eta non 50era ez dakitela-eta kexuka etorri zaizkigunak». Europako hiri nagusi guztiak, hau da, 150.000-200.000 biztanletik gora dituztenak, trafikoa eta mugikortasuna lasaitzeko neurriak hartzen ari direla esan du Gilek. Bilbok «aitzindari» izan gura du. 41,6 kilometro koadro ditu Bizkaiko hiriburuak. Eremu horretan, ibilgailuen batez besteko abiadura orduko 29,7 kilometrokoa da. «Izatez, lehendik ere nolabait betetzen ari gara lortu nahi dugun hori. Baina batez bestekoak esan nahi du batzuetan goitik eta besteetan azpitik zabiltzala. Orain helburua da hiri osoan abiadura bertsuan ibiltzea. Guk azeleratzeak eta galgatzeak leundu nahi ditugu. Izan ere, badakigu abiadura egonkor batek istripuak saihesten laguntzen duela, eta airera isurtzen diren partikulak gutxitzen dituela». Azpimarratu du Bilboko Udala 2015ean lantzen hasi zen Mugikortasun Planak jasotako lehen helburua osasuna dela. Bilboko Udalak jasotako datuen arabera, abiadura muga berriari esker, trafikoak behera egin du azken bi urteetan. «Horrelako neurriekin jendeak autoa gutxiago hartzen du, eta mugikortasun ohiturak aldatzen hasten dira. Izan ere, abiadura muga horrekin herritarrak autoz baino azkarrago mugitu daitezke bizikletaz edo garraio publikoan». Gilek ibilgailu pribatua bilbotarren eta bisitarien azken aukera izatea gura du. Eta gaur egun dagoeneko hala da: udalak egindako neurketen arabera, Bilbon egiten diren joan-etorrien %64 oinez edo bizikletaz egiten dira; %24, garraio publikoan; %11, ibilgailu pribatuan. Falta den %1 horretan daude patineteak eta gaur egungo gailu berriak. «Gure helburua da oinez dabiltzanak gero eta gehiago izatea, eta, era berean, bizikleta bihurtzea garraiorako baliabide nagusia. Horretarako, errepideak seguru bihurtu behar ditugu». Zinegotzia bera bizikletaz joaten da beharrera, Bilboko udaletxera. «2015ean mugikortasuna aldatzen hasi gineko Alfonso Gil eta gaur egunekoa ez dira bera: orain ez dut beldurrik, trafikoa askoz lasaiago dabilelako». Edonola ere, argi utzi gura izan du aldaketa honek ez duela ekarriko bidegorri gehiagorik ez eraikitzea: «Egingo dira, baina ez dira lehentasuna izango, bizikletak seguru eta lasai ibiliko direlako errepideetatik». Eta kanpotik datozenak zer? Udalak Bilbora garraio publikoz joatea gura du, eta hori sustatuko du. Gilek uste du hiriburuak komunikazio onak dituela. «Hirira etorritakoan, garraio publiko sare osatu bat eskainiko diegu bizkaitarrei, prezio onean. OCU kontsumitzaile elkartearen arabera, estatuko sare onena daukagu». Dena den, nabarmendu du Bilbon leku batetik bestera oinez joan daitekeela. Kaleak seguruago egiteko, abiadura mugatzeaz gain, espaloiak zabaltzen jarraituko du Bilboko Udalak. Datorren urtean, probak egingo dituzte Moyua plazan eta inguruan. Eta joan den udaberriko konfinamendu osteko asteetako «esperientzia ona» ikusita, kale batzuk tarteka soilik oinezkoentzat bihurtzeko asmoa dute; esaterako, Kale Nagusia domeka eta jai egunetan.
2020-9-21
https://www.berria.eus/albisteak/187188/lasterketa-hankamotz.htm
Kirola
Lasterketa hankamotz
Aurten ez da ohiko Behobia-Donostia lasterketarik izango. Bertan behera utzi dute, pandemiaren ondorioz. Kolpe gogorra izan da antolaketaz arduratzen den elkartearentzat, Fortuna Kirolentzat.
Lasterketa hankamotz. Aurten ez da ohiko Behobia-Donostia lasterketarik izango. Bertan behera utzi dute, pandemiaren ondorioz. Kolpe gogorra izan da antolaketaz arduratzen den elkartearentzat, Fortuna Kirolentzat.
Koronabirusaren eraginez, aurten bertan behera gelditu da Behobia-Donostia lasterketa ezaguna (20,1 kilometro). Azaroaren 8an ziren egitekoak, baina egin ezin diren ekitaldien zerrendara batu da. Lasterkari askorentzako proba garrantzitsua izaten da; azken urteetan, aldiko 30.000 parte hartzaile inguru izan ditu. Hala ere, ohiko proba egiterik ez dagoenez, aplikazio baten bidez egingo den Behobia birtual bat ari dira prestatzen. Fortuna Kirol elkartea arduratzen da antolaketaz, eta kolpe gogorra izan da klubarentzat bertan behera utzi beharra. Izan ere, elkartearen diru sarreren erdiak lasterketa horretatik iristen dira. Daniel Soliño Fortunako arlo ekonomikoko arduradunak azaldu du klubak Behobiarik gabe «nahiko zaila» duela aurrera egitea. «Horren beharra dugu; elkartea diru sarrera horien zain egon ohi da urte osoa pasatzeko». Behobia-Donostiako koordinatzaile Iñigo Etxeberriak adierazi duenez, lasterketaren bidez lortzen duten diruak egonkortasuna ematen die. «Orain, ziurgabetasuna sekulakoa da». Azaldu duenez, garai latzak dira Fortunarentzat: «Enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientearekin gaude ia langile guztiak, diru sarrerak eskasak dira, maileguak eskatu behar izan ditugu, eta Behobia-Donostia bertan behera gelditu da». Soliñok erantsi du «zama astunegia» duela orain klubak. Izan ere, tartean, Donostiako Pio Baroja kiroldegia ere kudeatzen dute. Hortaz, lasterketa ez egiteari gehitu behar zaio, besteak beste, konfinamendu garaian bertan behera utzi zituztela eskaintzen dituzten zerbitzuak, eta dirua itzuli behar izan dute. «Normaltasunetik oso urruti gaude; neurriak hartu arren, beldurra nabari dugu erabiltzaileen artean», nabarmendu du Etxeberriak. Ikusteko dago ea denboraldi hasierarekin jendea animatuko den Fortunak eskaintzen dituen ikastaroetara, eta zerbitzuetara apuntatuko diren. Etxeberriak azaldu duenez, askotan entzun izan dute Behobia-Donostia «urrezko arrautzak ematen dituen oiloa» dela, baina ez dago ados aipamen horrekin: «Garbi ikusi da kirolean gastatzen dugula dirua, eta irabazten duguna berriz inbertitzen dugula». Soliñok gaineratu du irabazi asmorik gabeko elkarte bat dela Fortuna, eta, beraz, ez dutela dibidendu banaketarik egiten. 10.000 izen-ematetik gora Udan birusaren transmisioa areagotzen ari zela eta, abuztuaren 31n iragarri zuten lasterketa bertan behera geldituko zela. «Agian denok pentsatu genuen okerrena pasatuta zegoela, eta ez geunden prestatuta», aitortu du Etxeberriak. Soliñok azaldu du erabaki bat hartu beharrean zeudela: «Lasterketa eginez gero, datozen asteetan diru dezente gastatu beharko genuke, baina, egoera zein den ikusita, argi dago ez dela horrelakoetarako momentua». Martxoan ireki zuten izena emateko epea, eta abuztuaren amaierarako, lasterketa bertan behera gelditu zenerako, 10.443 partaide zeuden apuntatuta. Azkenean ez denez Behobia-Donostiarik izango, hiru aukera dituzte parte hartzaile horiek: izen-ematea hurrengo lasterketarako uztea, dirua itzultzeko eskatzea, edo ordaindutako kopurua edo zati bat dohaintzan ematea Fortunari. Aztertu zuten lasterketa beste modu batera egiteko aukera. Besteak beste, parte hartzaile kopurua erdira jaistea pentsatu zuten, eta irteera ordua ordubete luzatzea. «Espero genuen, berezia bazen ere, Behobia egin ahal izatea, baina ezinezkoa da», adierazi du Etxeberriak. Gaineratu du lasterketarekin aurrera jarraituz gero «nerbioak jota» egongo liratekeela, pandemiaren eboluzioa gorabeheratsua baita, eta ezin baita jakin aste batetik bestera zer gertatuko den. Lasterketa birtuala Behobia-Donostiak utzitako zuloa estaltzeko zer egin pentsatzen ari direla adierazi du Soliñok. Hala ere, aitortu du ez dutela espero «diru sarrera garrantzitsurik» izatea. Ohiko lasterketa ezingo da egin, baina Behobia birtual bat prestatzen ari dira. «Saiatuko gara beste modu batera presente egoten, eta horrek sortzen du ilusio puntu bat», adierazi du Etxeberriak. Parte hartzaileek azaroaren 2tik 8rako epea izango dute 20 kilometro egiteko, nahi bezala eta nonahi. Horretarako, aplikazio bat deskargatu beharko dute, eta han erregistratuko dute egindako ibilbidea. 15 euro ordaindu beharko dituzte. «Beste modu batera parte hartzeko aukera ematen du, eta fisikoki prestatuta ez daudenentzat ere alternatiba polita da», esan du Etxeberriak. Mila lagunek baino gehiagok eman dute jada izena lasterketa berezian, eta antolatzaileek aurreratu dute «sorpresatxo batzuk» prestatu nahi dituztela. Horrelako Behobia bat antolatu duten lehenengo aldia da, baina Etxeberriak esan duenez, badauka «xarma». Gaineratu du mantentzeko jaio dela, eta ez dutela baztertzen datozen urteetan ohiko lasterketa eta birtuala uztartzea. Antolatzaileek uste dute lasterketarik ez izatearen eragina Fortunan ez ezik Gipuzkoa osoan ere nabarituko dela, batez ere Donostia inguruan. «Ostalaritzan eta hoteletan betekada izaten da Behobia dela eta», azpimarratu du Etxeberriak. 2013an ikerketa bat egin zuten Deustuko Unibertsitatearekin batera, eta ondorioztatu zuten ia 15 milioi euroko eragin ekonomikoa duela lasterketak Gipuzkoan, eta Ogasunak 900.000 euro jasotzen dituela. «Hitzez aitortzen zaigu, baina ekintzaz ez hainbeste». Bi hilabete baino gutxiago falta dira aurten birtuala izan beharko duen Behobia-Donostiarako. Antolatzaileen esanetan, datozen egunetan buru-belarri arituko dira prestaketa lanetan, baita aurtengo nobedadeak ezagutarazten ere. Izan ere, ohiko lasterketa egingo ez den arren, Behobia presente egotea nahi dute.
2020-9-21
https://www.berria.eus/albisteak/187189/italian-parlamentari-kopurua-murriztearen-alde-egin-dute-herritarrek.htm
Mundua
Italian parlamentari kopurua murriztearen alde egin dute herritarrek
Opinio Italia etxeak zabaldutako zundaketen arabera, herritarren %60 inguruk babestu dute murrizketa.
Italian parlamentari kopurua murriztearen alde egin dute herritarrek. Opinio Italia etxeak zabaldutako zundaketen arabera, herritarren %60 inguruk babestu dute murrizketa.
Zundaketen iragarpenak beteko balira, garaipen handia litzateke 5 Izar Mugimenduak (M5S), Alderdi Demokratikoak (PD) eta Italia Bizirik-ek osatzen duten gobernuarentzat. Izan ere, parlamentuko diputatu kopurua 630etik 400era eta Senatuko kideena 315etik 200era gutxitzea 5 Izar Mugimenduaren (M5S) erronka izan da. Opinio Italia etxeak egindako aurreikuspenen arabera, herritarren %60 eta %64 artean agertuko lirateke murrizketen alde, eta %36 eta %40 artean aurka. Erreferendumarekin batera, asteburuan egin dituzte Italian zazpi eskualdeetarako hauteskundeak. Inkesten arabera, zentro-ezkerra nagusituko litzateke horietako bitan, Toscanan eta Campanian. Aldiz, zentro-eskuina litzateke garaile Veneton, Ligurian, Marcasen eta Apulian. Aostako bailararen kasuan, Lega litzateke nagusi. Ligurian irabaztea jarria zuten helburu Italiako Gobernuan koalizioan diren M5S alderdiak eta PD Alderdi Demokratikoak, baina zundaketek porrota iragartzen diete. Iragarpenak beteko balira, gerta liteke datozen bozetan bi alderdiek erabakitzea batera ez aurkeztea. Bestetik, nabarmentzekoa da Veneton eskualdean, koronabirusak gogorren jo duen eremuetako batean, egun agintean den Luca Zaiaren zerrendak lortuko lituzkeela boto gehien —%72 eta %76 artean— inkesten arabera.
2020-9-21
https://www.berria.eus/albisteak/187190/gidariek-eta-txirrindulariek-zalantzak-dituzte.htm
Gidariek eta txirrindulariek zalantzak dituzte
Gidariek eta txirrindulariek zalantzak dituzte.
«Helburuarekin bat egiten dugu, baina ez hori lortzeko hartzen ari diren neurriekin». RACVN Real Automovil Club Vasco-Navarro gidarien elkarteak ez du begi onez ikusi Bilboko Udalak hiri osoko abiadura muga orduko 30 kilometrora jaistea. Duela urte bi, kale gehienetan ezarri zenean ere kritiko agertu ziren; orain, are gehiago: «Propaganda hutsa da. Hiriko bide nagusietan abiadura hainbeste mugatzea artifiziala eta arriskutsua da». Mario Garcia elkarteko komunikazio arduradunaren esanetan, gaur egungo teknologiak «neurri adimentsuagoak» hartzeko aukera ematen du. Eta uste du abiadura era horretan mugatzeak ez duela bermatzen ipini dituzten helburuak lortzea. Uste du errepideak unean uneko egoeraren arabera egokitu beharko liratekeela. «Autobideetan orduko 130 kilometroko muga egon arren, euria egiten duenean, 110era jaisten da automatikoki. Eta eskolak dauden kale batean jar daiteke 20ko edo 30eko muga ikastetxera sartzeko eta irteteko momentuetan, baina gainontzekoan abiadura handiagoa». Ukatu egin du kutsadura gutxitzen lagunduko duenik. Azaldu du azeleratzean eta galgatzean isurtzen dela gas gehien. «Ibilbide berean motelago joan behar baduzu, semaforo gehiago harrapatuko dituzu gorrian. Hala, gehiagotan azeleratu eta galgatu beharko duzu, gehiago kutsatuz». Gainera, esan du orduko 50 kilometroko abiaduran joateko hirugarren martxan eroaten dela autoaren motorra. «30eko abiadurara jaisteko, martxa txikiagoan sartu eta biraketa abiadura handitu behar duzu; ondorioz, gehiago kutsatuko duzu». Horrez gainera, «epe laburrera begira» hartutako erabakia dela salatu du: «Hamar bat urte barru, ibilgailu elektrikoak izango dira nagusi, eta ez dugu kutsadura eta zarata arazorik izango». Ukatu egin du ibilgailuak direnik «kutsaduraren erantzule bakarrak». Garciak ez du uste 30eko mugak segurtasuna handitzea dakarrenik. Iruditzen zaio gidariak errepideari eta gainontzeko ibilgailuei begira baino gehiago ibiliko direla «abiadura kontrolatu ezinik». Gainera gaitzetsi egin du helburua istripuen larritasuna arintzea izatea, «istripuak saihestea izan ordez». Bidegorriak baino gurago Txirrindulariak, ostera, pozik daude neurriarekin. Biziz Bizi plataformako Javi Umaranen arabera, «neurri positiboa» da. Esan du eurek igarri dutela dagoeneko 30eko muga zuten kaleetan seguruago dabiltzala: «Ibilgailuak eta bizikletak abiadura bertsuan ibiltzeak arriskua txikitzen du». Baina zalantza egin du muga aldatuko zaien kale batzuetan neurria beteko den: «Deustuko zubian, esaterako, 50eko muga ere ez da errespetatzen. Uztailean neurketak egiten ibili ginen, eta asko ziren 70eko abiaduran igaro zirenak. Nork beteko du kale horietan 30eko muga?». Umaranek bidegorriak baino gurago ditu 30eko kaleak. «Bidegorriak ondo daude esperientzia gutxi duten txirrindularientzat edo zirkulazio arauak ezagutzen ez dituzten gazteentzat, baina bizikletaz ibiltzera ohituta gaudenok nahiago ditugu errepide lasaiak». Dena den, 30eko muga duten kaleetan aldeak daudela esan du. Norabide bakarrekoak direnetan trafikoa lasaiagoa izaten dela iruditzen zaio, norabide bi eta norabide bakoitzean errail bat baino gehiago dituztenekin alderatuz gero. Gainera, Bilbon bidegorri «asko ondo pentsatu gabe» diseinatuta daudela esan du, txirrindularien segurtasuna «arriskuan jartzeko beste». Ohartarazi du bizikletaren erabilera sustatu nahi bada, neurriak ondo diseinatu behar direla, eta, batez ere, erabiltzaileekin adostuta.
2020-9-22
https://www.berria.eus/albisteak/187225/londresek-murrizketa-gehiago-iragarriko-ditu-kutsatzeak-eragozteko.htm
Mundua
Londresek murrizketa gehiago iragarriko ditu kutsatzeak eragozteko
Aurreratu dituzten neurrien artean dago tabernak lehenago ixtea eta telelana sustatzea.
Londresek murrizketa gehiago iragarriko ditu kutsatzeak eragozteko. Aurreratu dituzten neurrien artean dago tabernak lehenago ixtea eta telelana sustatzea.
Koronabirusarekin lotutako alerta laugarren mailara igo du Erresuma Batuko Gobernuak. Horren arabera, kutsatzeko arriskua «handia» litzateke herrialde hartan. Hori eragozteko hainbat neurri iragarri ditu gaur Boris Johnson lehen ministroak Komunen Ganberan egindako agerraldian; besteak beste, telelana sustatzea, tabernak eta jatetxeak lehenago ixtea eta maskara nahitaez erabiltzea. Neurriok sei hilabetez egongo lirateke indarrean, baldin eta kutsatzeen kurbak beherantz egingo ez balu. Lantokietan ere «legez» derrigortuko dituzte enpresak COVID-19aren aurkako neurriak hartzera. Bestalde, bilerak sei lagunekoak izango dira soilik, eta ezkontzetan gehienez ere hamabost lagun elkartu ahal izango dira. «Gustatuko litzaidake esatea proba gehiago egiten ari garelako ari direla ugaritzen kasuak, baina positiboen kopurua ere gora doa. Azken hamabost egunetan, bikoiztu egin da koronabirusak jota erietxean daudenen kopurua ere», ohartarazi du gobernuburuak. Lehen ministroak iluntzean emango ditu neurri berriei buruzko xehetasun gehiago, baina gobernuko eledun Michael Govek dagoeneko iragarri ditu horietako batzuk, tartean herritarrei etxetik lan egiteko eskatzea. «Etorkizunean neurri gogorragoak hartzea eragotzi nahi dugu modu honetara. Kutsatzeak ugaritzen ari dira, eta gero eta gehiago dira erietxean daudenak; egoerak okerrera egitea eragotzi behar dugu». Kirol ekitaldiak publikoarekin egiteko asmoa ere bertan behera utzi du Londresek, behin-behinean. «Ez dugu erabat baztertu aire zabalean egiten diren partidak jendaurrekoak izatea, baina ez da horretarako garairik egokiena», ohartarazi du Govek, BBC kateari eskainitako elkarrizketa batean. Gobernuaren osasun aholkulari nagusi Patrick Vallacek atzo iragarri zuen neurriak hartu ezean urriaren erdirako egunean 50.000 kasu izango zituela Erresuma Batuak. Hark emandako datuen arabera, atzemandako kutsatzeak bikoizten ari dira zazpi egunetik behin.
2020-10-23
https://www.berria.eus/albisteak/187226/laquomoriara-iritsi-eta-emakumeen-egoera-bera-zen-harrituta-geratu-nintzenraquo.htm
Mundua
«Moriara iritsi, eta emakumeen egoera bera zen; harrituta geratu nintzen»
BERRIAren 'Moriako erretratuak' bideo sortako bosgarren eta azkenak Sarah du protagonista, kanpalekuko hainbat emakumek sortu duten Kairos babes sareko kidea.
«Moriara iritsi, eta emakumeen egoera bera zen; harrituta geratu nintzen». BERRIAren 'Moriako erretratuak' bideo sortako bosgarren eta azkenak Sarah du protagonista, kanpalekuko hainbat emakumek sortu duten Kairos babes sareko kidea.
Sarah Yosef Hego Sudangoa da, baina herrialdetik alde egin zuen hango indarkeria giro ezegonkorrak bultzatuta. Emakumeen egoera bereziki gogorra da han, baina Morian ikusitakoak ere «harritu» egin du. Hainbat emakumek antolatzea erabaki dute, eta komunitate bat sortu dute, Kairos izeneko babes talde bat. Iñaki Agirre kolaboratzailearen bitartez BERRIAk abian jarri duen bideo sortaren bosgarren eta azken erretratua da. Irailaren hasieran piztu zen sua Greziako Lesbos uharteko Moriako errefuxiatuen kanpalekuan. Lehendik gordina zen egoera are eta gordinagoa bihurtu zen. Suak denda guztiak kiskali zituen, eta milaka migratzaile kanpamentuaren eta Mitilene hiriburuaren arteko errepidean harrapatuta geratu ziren. Greziako Gobernuak beste kanpaleku bat egitea erabaki du. Hori, ordea, itxia izango da, eta babesa eskatu duten errefuxiatuei mehatxu egin diete ez dituztela euren asilo eskaerak aztertuko ez badira han euren kabuz sartzen. BERRIAk han daudenen egoera ezagutu nahi izan du Iñaki Agirre kolaboratzailearen bitartez, eta Moriako erretratuak izeneko bideo sorta jarri du abian; astero errefuxiatu baten istorioa ezagutaraziko du Agirrek. Mahdie Afganistangoa da, baina talibanengandik ihesi atera zen herrialdetik. Duela urtebete inguru iritsi zen Moriara, amarekin eta nebarekin, ikasteko eta etorkizun hobe bat izateko itxaropenaz, «baina, orain, dena aldatu da». Yadollah izan zen aurreko asteko protagonista, hirugarrena. Afganistangoa da, baina Iranen pasatu du bizitza osoa. Errefuxiatua izan da betidanik. «Horrek esan nahi du ez duzula inoiz herrialderik izango». Antzerki zuzendaria eta gidoilaria zen Iranen. Han zuen egoera salatu zuen, eta mehatxu egin zioten. Turkiara egin zuen ihes, eta urtebete igaro da handik Moriara joan zenetik. Moriako bizipenetan oinarritutako antzezlan bat prestatu du orain. Carinerena izan zen bigarren erretratua. Kamerundik atera zuten Carine, Kuwaiten esklabo saltzeko. Ihes egin eta Irak eta Siria zeharkatu ostean, Turkian sexu trafikoan erabili zuten. Ontzi batean sartzera behartu eta Lesbosen dago (Grezia). Errefuxiatu estatusa eman diote, baina behin hori lortuta, laguntza guztiak galdu ditu. Sei hilabete daramatza Lesbos uhartean. Carineren aurretik, Mohamed izan zen lehen protagonista. Burkina Fasokoa da, eta 17 urterekin iritsi zen Moriara. Urtebete eta hiru aste daramatza han, eta esaten du hango bizimodua «ikaragarria» zela. «Europa hau al da? Europa horrelakoa da? Hau ez da Europa», dio Berria TBko bideoan.
2020-9-22
https://www.berria.eus/albisteak/187227/miarritzeko-andre-maria-eskola-hetsi-dute.htm
Gizartea
Miarritzeko Andre Maria eskola hetsi dute
Irakasle batek positibo eman du PCR proban. Pirinio Atlantikoetako departamenduko prefeturak erabaki du eskola hestea.
Miarritzeko Andre Maria eskola hetsi dute. Irakasle batek positibo eman du PCR proban. Pirinio Atlantikoetako departamenduko prefeturak erabaki du eskola hestea.
Eskola sartzea egin zutenetik, koronabirus kasuak ugaritzen ari dira ikastetxeetan. Eskola anitz batzen ari dira hetsiak direnen zerrendara. Bat gehiago: atzotik Miarritzeko (Lapurdi) Andre Maria eskola hesteko erabakia hartu zuen Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako departamenduko prefetak. Irakasle batek positibo eman zuen, eta lankideak hurbileko kasutzat jo ditu Eskualdeko Osasun Agentziak. Berrogeialdian egon beharko dute testaren emaitza ukan arte. 200 ikaslek ikasten dute eskola horretan, eta irakasleek etxetik ematen dizkiete klaseak. Momentuz, ez dakite noiz irekiko den berriz eskola; baina Jean Luc Mouesca zuzendariak Sud Ouest egunkariari esan dio ostiralean berriz irekitzea espero duela. Ipar Euskal Herriko daturik ez dago, Akademia Errektoretzak Bordeleko (Okzitania) akademiako datuak baizik ez baititu ematen. Datu horien arabera, eremu horretako ikasleen %0,05ek eman dute positibo, eta irakasleen artean %0,15 kutsatu dira.
2020-9-22
https://www.berria.eus/albisteak/187228/bilbon-indarrean-sartu-da-orduko-30-kilometroko-muga.htm
Gizartea
Bilbon indarrean sartu da orduko 30 kilometroko muga
Munduan 300.000 biztanletik gorako lehen hiria da orduko 30 kilometroko abiadura muga ezartzen.
Bilbon indarrean sartu da orduko 30 kilometroko muga. Munduan 300.000 biztanletik gorako lehen hiria da orduko 30 kilometroko abiadura muga ezartzen.
Gaurtik aurrera, Bilbon ibilgailuek ezingo dute orduko 30 kilometro baino azkarrago joan. Bilboko errepideen %87tan indarrean zegoen neurria –gainerako eremuetan, orduko 50 kilometrokoa zen–, baina hiri osora zabaltzea erabaki dute orain. Horrela, abiadura muga hori ezartzen duen 300.000 biztanletik gorako lehen hiria da munduan. Erabakia hartzeko arrazoiak hainbat dira, Jesus Gil Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun zinegotziak azaldu duenez: «Istripu gutxiago nahi ditugu, eta noski, hildako bat bera ere ez. Berotegi gasen ondorioz sortutako kutsadura gutxiago nahi dugu, baita zarata gutxiago ere. Heriotza bakar bat eragozten badugu, neurriak merezi izango du». Gilek Bizkaiko Hitza-ri adierazi dionez, mundu osoan 300.000 biztanle baino gehiago dituen lehen hiria izango dira abiadura muga hori ezartzen. Zinegotziaren arabera, orain arte «onura itzelak» izan ditu hirian orduko 30 kilometroko muga ezarri izanak: «Ibilgailuek eragindako zarata edo kutsadura akustikoa apaldu egin da, kutsadura eragiten duten partikulen isurketa ere txikitu da, istripuak gutxitu dira, eta bizikletaren erabilerak gora egin du». Donostian, neurria zabaltzea aztertzen Donostiako alkate Eneko Goiak ziurtatu duenez, lanean ari dira hiri horretan ere orduko 30 kilometroko muga kale gehiagotara zabaltzeko. «Ez dugu egun batetik bestera egin, pixkanaka baizik, orduko 30 kilometrora joateko eremua handituz, eta kale gehiago gehituz». Hori «zehatz» egin behar dela nabarmendu du, eta, agian, leku batzuetan orduko 50 kilometroko muga mantendu daitekeela. «Egia da zenbait gremiorengan edo sektorerengan eragin negatiboa izan dezakeela erabaki orokor batek, zenbait zerbitzutan denbora galtzen baita».
2020-9-22
https://www.berria.eus/albisteak/187229/sutemose-gerra-garaian-girotutako-drama-aurkeztu-dute-sail-ofizialean.htm
Kultura
'Sutemose' gerra garaian girotutako drama aurkeztu dute Sail Ofizialean
Sobietarren okupazioari aurre egin behar dioten partisanoak dira Sarunas Bartas zinemagile lituniarraren filmeko protagonista
'Sutemose' gerra garaian girotutako drama aurkeztu dute Sail Ofizialean. Sobietarren okupazioari aurre egin behar dioten partisanoak dira Sarunas Bartas zinemagile lituniarraren filmeko protagonista
Lituania. 1948. urtea. Bigarren Mundu Gerra amaitu da, eta herrialdea erabat hondatuta dago. Borrokak, baina, segitzen du, erresistentzia taldeak eratu baitira sobietarrei aurre egiteko. Jurgis Pliaugak etxalde bat, lurrak eta animaliak ditu, eta mugimendu partisanoko kideei laguntzen die. Eta harekin bizi dira emaztea, umetan bere gain hartu zuen semeordea eta neskame bat. Une batean, sobietarren indar armatuak azalduko dira etxaldera, eta Pliaugaren ondasunak eraman nahi izango dituzte. Abiapuntu horretatik, pertsonaien arteko harremanetan eraikitako drama gordina egin du Sarunas Bartas zinemagile lituaniarrak. Gaur goizean aurkeztu du filma Kursaalean, Sail Ofizialeko lehiaketan. Sutemose Cannesko Zinemaldiak egindako hautaketa ofizialaren barruan izan zen, baina jaialdia ezin izan zenez egin, Donostiako Zinemaldiko lehian da azkenean. 1980ko hamarkadan hasi zen Bartas zinema egiten, eta ordudanik egin dituen filmen artean daude A casa (1997), Freedom (2000), Indigène d'Eurasie (2010) eta Frost (2017). Gaur beste film bat ere sartuko da Urrezko Maskorra lortzeko lehian, Antonio Mendez Esparza zinemagile espainiarraren Courtroom 3H. Tallahaseeko familia auzitegi bateratuari buruzko dokumentala da. Floridako (AEB) auzitegi hori adingabeekin zerikusia dutuen gaietan espezializatua dago. Izan ere, gazte delinkuentzia altuenetakoa duen estatua da Florida AEBetan. Ez da hau Mendez Esparza Donostiako Zinemaldian lehiatuko den aurreneko aldia. Hain zuzen ere, 2017an Life and Nothing More AEBetan kokatutako drama soziala aurkeztu zuen Sail Ofizialean, eta Fipresci kritikaren saria eskuratu zuen. Bestalde, gaur euskaraz filmatutako bi pelikula estreinatuko dituzte Zinemira sailean: Caminho Longe (Josu Martinez) eta Non dago Mikel? (Amaia Merino eta Miguel Angel Llamas). Caminho Longe-k Alfonso Etxegarai ETAko militante ohiak Sao Tometik etxera itzultzeko egindako bidea kontatzen du; eta Non dago Mikel? Mikel Zabalzaren atxiloketan eta hilketan dago oinarrituta. Biak dokumentalak dira.
2020-9-22
https://www.berria.eus/albisteak/187230/zahar-etxeen-tamaina-eta-kokagunea-faktore-erabakigarriak-izan-dira-covid-19aren-eraginean.htm
Gizartea
Zahar etxeen tamaina eta kokagunea faktore erabakigarriak izan dira COVID-19aren eraginean
Nafarroako Gizarte Errealitatearen Behatokiak lurraldeko 74 zahar etxeetan eta 14 menpekotasun zentroetan pandemiaren olatuak izandako ondorioak ikuskatu ditu txosten batean, eta hainbat gomendio eman dizkio gobernuari.
Zahar etxeen tamaina eta kokagunea faktore erabakigarriak izan dira COVID-19aren eraginean. Nafarroako Gizarte Errealitatearen Behatokiak lurraldeko 74 zahar etxeetan eta 14 menpekotasun zentroetan pandemiaren olatuak izandako ondorioak ikuskatu ditu txosten batean, eta hainbat gomendio eman dizkio gobernuari.
Gaur arte, Nafarroako zahar etxeetako 280 egoiliar hil dira COVID-19aren ondorioz, eta beste 163, COVID-19arekin bateragarri diren sintomekin, nahiz eta azken horien kasuan ez den azken emaitza berretsi. Gainera, menpekotasun zentroetan beste zortzi lagun hil dira. Horiek dira zifra lazgarriak, baina, zergatia azaltzerakoan, arrazoiak «askotarikoak» dira. Hala ere, arrazoi horien artean, eragin nabarmena izan dute kokaguneak, zahar etxearen tamainak eta alarma egoeraren aurreko bisita kopuruak. Lehen olatuak 74 zahar etxeetan eta 14 menpekotasun zentroetan izan duen ikuskaritza egin du Nafarroako Gizarte Errealitatearen Behatokiak —zahar etxe batek ez du parte hartu—. Gaur goizean, Carmen Maeztu Nafarroako Gobernuko Gizarte Eskubideen kontseilariak txostenaren nondik norakoak laburbildu ditu. Ikerketak ondorioztatu duenez, COVID-19ak eragin handia izan duen tokietan: «Mila herritarretik hiru kasu positibo baino gehiago zuten eremuetako zahar etxeek sei aldiz aukera gehiago dituzte gaixotasunak gogor eragiteko», azaldu du Maeztuk. Halaber, zenbat eta zahar etxe handiagoa, orduan eta aukera gehiago eragiteko. «Ehun egoiliar baino gehiago dituzten egoitzetan probabilitatea bost aldiz handiagoa izan da». Era berean, martxoaren 15 aurreko bi asteetan izandako bisita kopuruak ere eragin du. Adibidez, aurreko astean 50 bisita baino gehiago izan dituzten tokietan, COVID-19a larriko zabaltzeko aukera «hiru aldiz» handiagoa izan da. Bestelako arrazoiak Ez dira arrazoi bakarrak, baina bai nagusiak. Horrez gain, COVID-19ari aurre egiterakoan, babesteko faktore izan dira langileei zein egoiliarrei PCRak egiteko ahalmena, egoitzen desinfekzioa eta giza baliabideen kudeaketa. Alta, eragina izan duten arrisku faktore izan dira fidagarriak ez diren hornitzaileei babes ekipamenduak erostea edo etxean egindako ekipamenduak erabiltzea, zahar etxea sektoretan ez banatzea, langileen ratioa, eta bisitak ez mugatzea. Azkenik, txostenak dioenez, beste arrazoi batzuek «pisu txikiagoa» izan dute: batetik, «nahiz eta zahar etxe pribatuetan eragina publikoetan baino handiagoa izan den», zahar etxeen jabegoa publikoa edo pribatua izatea ez da esanguratsua izan «estatistikoki»; bestetik, pandemiaren eragina ez du bereziki handitzen egoiliarrak logela berean bizitzeak. Pandemiaren aurretik zahar etxeak osasun zerbitzu bat izateak ere ez du eragin esanguratsurik izan, txostenaren arabera. Gomendioak Behatokiaren ikuskaritzak hainbat gomendio egin ditu. COVID-19an tasa handia duten eremuetako zahar etxeetan eragin handiagoa izan duenez, kutsatze tasa handia duten tokietako egoitzei «lehentasunezko arreta» eman behar zaie. «Funtsezkoa da, beraz, inguruneen jarraipena egitea, etengabe sektorizazio azterketak egitea eta lurraldeko kokagunearen arabera banaketa irizpideak erabiltzea». Prebentzio neurriekin jarraitu behar da, zahar etxeei nahikoa PCR egiteko ahalmena emanez eta desinfekzioari garrantzi handia emanez. Txostenak gogoratzen duenez, aztertutako 70 zahar etxeetatik 24tan pilatu dira kasuen eta hildakoen %93, eta, horregatik, prebentzioa funtsezkoa da. Horri loturik, zahar etxeek nahikoa baliabide eduki behar dituzte prebentzio neurriak hartzeko, beharrezko ekipamendua edukiz eta galaraziz fidagarriak ez diren hornitzaileei babes neurriak erostea. Gainera, pandemiak langileen artean eragiten duenerako, langileok ordezkatzeko mekanismoak indartu behar dira, horrek egoitzen kudeaketan eragin ez dezan. Halaber, gutxieneko langileen ratioak, mediku eta erizainena barne, ezarri behar direla esaten du, zehaztu gabe kopurua. Bai gaineratzen du, pandemiaren testuinguruan, ratio hori indartu egin behar dela. Era berean, zuzendaritza taldeen eta langileen prestakuntza indartu behar da. Pandemian, azkar eta presaka langileei prestakuntza emateko tenorean aurkitu dira zahar etxeetako buruzagitzak. Behatokiak gomendatzen du alor hori indartzea, eta zuzendaritza taldeak eurak ere prestatzea. Garrantzia ematen dio lantalde guztiari babesa emateari ere, azken hilabeteak oso zailak izan baitira. Azkenik, pandemiak agerian jarri du kasu askotan ez zegoela arrisku planik, eta horregatik egoera berezi eta larriei aurre egiteko plangintza, neurri eta protokoloak zehaztu behar direla.
2020-9-22
https://www.berria.eus/albisteak/187231/etxegabe-bat-hil-da-baionan.htm
Gizartea
Etxegabe bat hil da Baionan
Igandean atzeman zuten emakumea, Baionako Euskaldunen plazan. Turismo bulegoaren ondoan egiten zuen lo, bikotekidearekin.
Etxegabe bat hil da Baionan. Igandean atzeman zuten emakumea, Baionako Euskaldunen plazan. Turismo bulegoaren ondoan egiten zuen lo, bikotekidearekin.
Iragan igandean, goizaldean, emakume etxegabe baten gorpua atzeman zuten Baionako Euskaldunen plazan. Baionako Polizia Etxeak BERRIAri baieztatu dio «heriotza naturala» izan dela. Turismo bulegoko egoitzaren ondoan egiten zuen lo emakumeak, bikotekidea zuen gizon batekin. Auzoko herritarrek Mediabask-i kontatu diotenez «egoera oso triste eta gordina» izan da iragan igande goizekoa. Iragan ostiralean, Baionako auzapez Jean Rene Etxegaraik neurri sorta bat izenpetu zuen «herriko bakearen, segurtasunaren eta ordena publikoaren kontrako elkarretaratzeak murrizteko». Hainbat elkarte eta eragilek etxegabeen kontrako neurri «diskriminatzaileak» direla salatu dute, eta ostegunean bilduko dira herriko etxean, protesta egiteko.
2020-9-22
https://www.berria.eus/albisteak/187232/eajk-iragarri-du-ez-duela-alderdi-eguna-ospatuko.htm
Politika
EAJk iragarri du ez duela Alderdi Eguna ospatuko
EBBk adierazpen politiko bat argitaratuko du igandean, COVID-19aren ondorioz hil diren pertsonak gogorarazteko eta familiei elkartasuna adierazteko. Ortuzarrek eskatu du etorkizunaz hausnarketa propioak egiteko.
EAJk iragarri du ez duela Alderdi Eguna ospatuko. EBBk adierazpen politiko bat argitaratuko du igandean, COVID-19aren ondorioz hil diren pertsonak gogorarazteko eta familiei elkartasuna adierazteko. Ortuzarrek eskatu du etorkizunaz hausnarketa propioak egiteko.
Irailaren amaieran ospatu ohi du EAJk Alderdi Eguna, Forondan (Araba). Hala ere, EBB Euzkadi Buru Batzarra atzo arratsaldean bildu zen, eta gaur jakinarazi du ez duela Alderdi Eguna ospatuko. Andoni Ortuzar EBBko lehendakariak adierazi du erabakia hartzea «latza eta gogorra» izan dela, baina «erantzukizunez» jokatzea erabaki dutela, osasuna oinarri hartuta eta «gaizki pasatzen ari direnei» elkartasuna adierazita. Hain zuzen, sare sozialen bidez zabaldu du mezua alderdiak, baina iragarri du igande goizean adierazpen politiko bat argitaratuko dutela, COVID-19aren ondorioz hil diren pertsonak gogorarazteko, besteak beste. Beraz, egun handirik ezean, Ortuzarrek alderdikideei «hausnartzeko» eskatu die: «Minutu batez, alderdiaren eta Euskadiren etorkizunaz hausnarketa bat egiteko eskatzera natorkizue». Haren arabera, «Euskadi zutik dago», eta baita alderdia eta euskal gizartea ere. «EAJ martxan dago, eta horixe hemendik aterako garela».
2020-9-22
https://www.berria.eus/albisteak/187233/abuztuan-17ko-hazkundea-izan-da-arabako-bizkaiko-eta-gipuzkoako-hoteletan.htm
Ekonomia
Abuztuan %17ko hazkundea izan da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hoteletan
Eustaten arabera, COVID-19aren krisiak sektorean duen eragina luzatzen ari da, eta jarduera «pixkanaka» suspertzen ari da. Landetxeetan txikiagoa izan da beherakada. Nafarroan, ostalaritzako hamar lanpostutik bat galdu da.
Abuztuan %17ko hazkundea izan da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hoteletan. Eustaten arabera, COVID-19aren krisiak sektorean duen eragina luzatzen ari da, eta jarduera «pixkanaka» suspertzen ari da. Landetxeetan txikiagoa izan da beherakada. Nafarroan, ostalaritzako hamar lanpostutik bat galdu da.
Abuztua ez da turismoaren sektoreak espero zuen bezalakoa izan. Uztailean baino 37.124 bisitari gehiago egon dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hoteletan: %17,1ko hazkundea, baina errekuperazioa motela da oraindik. Hala ere, uztaileko datuak baino hobeak izan dira: orduan %45,2 bisitari gutxiago izan ziren, eta abuztuan, %39,2 gutxiago. Guztira, 216.967 pertsona izan dira hiru herrialdeetako hoteletan. Estatistika zerbitzuaren arabera, datuek agerian uzten dute COVID-19aren krisiak sektorean duen eragina luzatzen ari dela, jarduera «pixkanaka» suspertzen ari dela, eta hala gertatzen ari dela hark kontuan hartzen dituen hiru lurraldeetan. Dena den, abuztuko jaitsiera nabarmenagoa izan da Bizkaian: %52ko beherakada. Gipuzkoan, berriz, txikiagoa da COVID-19aren eragina: %21,9ko jaitsiera. Araban, %41,8koa izan da. Gipuzkoako hotelek izan dute okupazio mailarik altuena: %60. Hiru lurraldeetan dauden hotel guztien %83,5 egon dira zabalik abuztuan, baina okupazio eskasarekin: 29,8 puntu egin du behera; 2019ko abuztuan % 79,6koa izan zen okupazio tasa. Bisitari gehienak (%67,6) Hego Euskal Herrikoak eta Espainiako Estatuaren menpeko beste herrialdeetakoak izan dira. Batez besteko egonaldia 2,05 egunekoa izan da; iaz hil berean 2,19 egunekoa izan zen. Bisitarien jaitsierak eragina izan du gaualdien prezioetan ere. Oro har, iazko abuztuan baino %21,8 merkeagoak izan dira: batez beste, 91,9 euro. Landetxeetan ere nabaritzen ari dira krisiaren ondorioak, baina hoteletan baino gutxiago: %22 egin du behera bisitarien kopuruak. Turistek kostaldera jo dute. Araban nabaritu dute gehien jaitsiera: -%32,1. Gipuzkoan, berriz, -%13,5koa izan da. Kolpea Nafarroako ostalaritzan Turismorekin loturiko beste sektoreak ere burua ezin altxa dabiltza: ostalaritzan bereziki. Nafarroako Estatistika Institutuaren azken datuen arabera, zerbitzuen sektoreko negozioetan ostalaritza da okerren dagoena. Uztailean, zerbitzuen sektoreak batez beste %4ko beherakada izan zuen, 2019ko aldi berarekin alderatuta, eta bereziki deigarria da ostalaritzaren kasua: %43,2koa izan zen jaitsiera. Soilik merkataritzak egin zuen gora: % 1,1. Dena den, asteek aurrera egin ahala geroz eta agerikoagoa da suspertzea zerbitzuen sektorean —%7,7ko igoera—, eta bereziki ostalaritzan. Hala izan zen uztailean. Ekaineko emaitzekin alderatuta, %39,9 hazi zen. Baina negozio zifrak oso urrun daude, aurreko urteetako epe berekoen aldean. Emaitzok, halaber, eragin zuzena dute sektoreko enpleguetan. Zerbitzuenean, oro har, %7,5 egin du behera. Ostalaritzan ari zirenek nabaritu dute gehien: iazko uztailean zeuden lanpostuen %19,8 galdu dira: urtea hasi zenetik, iaz zeudenen %10,3 ez dira berreskuratu. Merkataritzan apalagoa da kolpea: %3,4 behargin gutxiago ditu sektoreak, iazko uztaileko datuekin alderatuta, eta %2,4 gutxiago urtea hasi zenetik.
2020-9-22
https://www.berria.eus/albisteak/187234/zahar-etxeetako-bisitak-eta-egoiliarren-ateraldiak-malguago.htm
Gizartea
Zahar etxeetako bisitak eta egoiliarren ateraldiak, malguago
Zaharren egoitzetarako protokolo berria onartu du Jaurlaritzak. Zabaldu eginen dira zahar etxeetara bisitak egiteko aukerak, eta egoiliarrek malgutasun handiagoa izanen dute ateraldiak egiteko. Osasun sailburuak azaldu duenez, "ikuspegi epidemiologikoa eta etikoa" hartu dira kontuan neurriak berrikusteko.
Zahar etxeetako bisitak eta egoiliarren ateraldiak, malguago. Zaharren egoitzetarako protokolo berria onartu du Jaurlaritzak. Zabaldu eginen dira zahar etxeetara bisitak egiteko aukerak, eta egoiliarrek malgutasun handiagoa izanen dute ateraldiak egiteko. Osasun sailburuak azaldu duenez, "ikuspegi epidemiologikoa eta etikoa" hartu dira kontuan neurriak berrikusteko.
Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko zahar etxeetan indarrean izanen den protokolo berria onartu du Eusko Jaurlaritzak. Pandemiari aurre egiteko hartu beharreko neurriak biltzen ditu dokumentuak. Miren Gotzone Sagardui Osasun sailburuak eman ditu protokoloaren inguruko azalpenak, Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan. Haren lehen agerraldia izan da sailburu izendatu zutenetik. Hizketaldian adierazi du protokolo berria “aurrerapauso handia” izanen dela egoiliarren egoera hobetze aldera. Erantsi du premiazkotzat jo dutela neurriak berrikusi eta gaurkotzea; izan ere, haren arabera, itxialdian ezarritako neurriak “oso mingarriak” izan dira egoiliarrentzat eta familientzat, bisitak eta ateraldiak egiteko oztopoen ondorioz. Sailburuak azaldu duenez, protokoloaren berrikuspena egiteko elkarlanean aritu dira Osasun Saila eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila. Era berean, Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko aldundiek ere parte hartu dute gaurkotze prozesuan. Argitu du hain zuzen ere aldundiei dagokiela, onartu berri den protokoloa aintzat harturik, zahar etxeetan hartuko diren neurriak zein izanen diren erabakitzea eta irizpideak zehaztea, “haiek baitituzte egoitzen gaineko eskumenak”. Egoiliarren ongizatea bermatzea da protokolo berriaren asmoa, Sagarduik adierazi duenez. Azaldu du egoiliarrak “bereziki zaurgarriak” direla COVID-19aren pandemian, baina, era berean, adierazi du “ezinbestekoa” dela haien duintasuna zaintzea, behar diren segurtasun neurriak hartuta. “Muturreko segurtasuna” eta “nolabaiteko normaltasuna”. Bi elementu horiek uztartzea du helburu Jaurlaritzak onartutako protokolo berriak, sailburuaren esanetan. “Osasuna zaintzea da gure lehentasuna, baina argi dugu ez dagoela osasuntsu egoterik ez bada pertsonaren duintasuna errespetatzen”, azaldu du. Hala eta guztiz ere, sailburuak ez du zehaztu zahar etxeetako neurriak zertan aldatuko diren konkretuki. Azaldu du kasu gehienetan egoiliarren familiek aukera gehiago izanen dituztela beren senideak bisitatzeko, eta egoiliarrek egoitzetatik kanpo egiten ahalko dituzten ateraldietan “malgutasun handiagoa” izanen dutela. Hau da, iraupen luzeagokoak izaten ahalko dira, eta gehiago urruntzen ahalko dira egoitzetatik. Kasu batzuetan, aukera emanen zaie haien etxeetara joateko, bisitan. Betiere, egoiliarren oso hurbileko pertsonek izanen dute bisitetarako eta ateraldietarako eskubidea, eta, ahal den heinean, gomendatu dute espazio irekietan egin daitezela, errazago bermatzeko higiene eta segurtasun neurriak betetzen direla. “Zuhurtzia” Sagarduik onartu du ziurgabetasuna “oso handia” dela oraindik ere, pandemiari dagokionez. Adierazi du “bide onetik” ari dela gizartea aurrera egiten, baina “zuhurtzia” galdegin du. “Pandemia honetan ikasi dugu gauzak asko aldatu daitezkeela egun batetik bestera; beraz, zuhurtziaz jokatu behar dugu”, azaldu du.
2020-9-22
https://www.berria.eus/albisteak/187235/hamar-nerabetik-ia-zazpik-pornografia-kontsumitu-ohi-dute.htm
Gizartea
Hamar nerabetik ia zazpik pornografia kontsumitu ohi dute
Save the Children erakundeak jakinarazi du batez ere mutilek kontsumitzen dutela pornografia. Nerabeek intimitatean ikusi ohi dute, eta doako plataformetan. Erakundea «kezkatuta» dago, eta sexu heziketa jarri du erdigunean.
Hamar nerabetik ia zazpik pornografia kontsumitu ohi dute. Save the Children erakundeak jakinarazi du batez ere mutilek kontsumitzen dutela pornografia. Nerabeek intimitatean ikusi ohi dute, eta doako plataformetan. Erakundea «kezkatuta» dago, eta sexu heziketa jarri du erdigunean.
Nerabeen pornografia kontsumoa ikertu du Save the Children gobernuz kanpoko erakundeak, eta ondorioztatu du hamar nerabetik ia zazpik —%66,5— pornografia «nahiko maiz» kontsumitzen dutela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hau da, azken 30 egunetan gaiari buruzko bilaketaren bat egin dutela jakin dute txostenaren egileek. Horretarako, 13 eta 18 urte arteko 267 gazteren iritziak eta ohiturak jaso dituzte. Genero irizpidea da ondorioak ateratzeko erabilitako tresnetako bat, eta erakundeko kideek ohartarazi dute mutilek neskek baino gehiago kontsumitzen dutela pornografia: hamarretik bederatzik, hain zuzen. Emakumeen kasuan, kopurua murritzagoa da: erdiek kontsumitzen dute. Hura ikusteko erari dagokionez, lehendabizikoz, lagunen gailuetan ikusi ohi dute, edo, bestela, gomendatu ostean, beren kabuz bilatzen dute. Areago, Whatsapp bidez bidaltzen edo sare sozialetan publikatzen diren argazkiak ere lehen kontaktu gisa izenda daitezke. Baina badira beste era batzuk ere: bilaketa aktiboa egitea eta ezustean topo egitea, esate baterako. Intimitatean ikusi ohi dute gehienek pornografia, eta doako plataformak erabilita ia ehuneko ehunak; zehazki, %98,5ek. Baina erakundeak ohartarazi du halako plataformetan «indarkeria eta harreman desorekatuak» nabariak izaten direla, nahiz eta erdiek baino gehiagok uste «kontsumo arduratsua» egiten dutela. Hain zuzen, nerabeen erdiek eta, batez ere, mutilek pentsatzen dute ikusitako pornografiatik «ideia berriak» jaso ditzaketela beren sexu esperientzietarako, eta aitortu dute ikusitakoa praktikan jartzea gustatuko litzaiekeela. Hala ere, erakundearentzat jarrera hori kezkagarria da: «Ikusten dutena imitatzen ahalegintzen direnean, ez diote aurrez baimena eskatzen bikotekideari». Jasotako heziketa Ikerketaren arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako nerabeen %81,2 gai dira pornografia irudi gehienetan ageri ohi diren «praktika kaltegarriak, indarkeria eta desberdintasunak» atzemateko, eta gehiengoak nahiago du «hierarkiarik gabeko» bideoak kontsumitu. Hala ere, sei nerabetik ia batek ez du alderdik ikusten eszenetako irudien eta sexu esperientzia propioen artean, eta hirutik batek nahiago du botere hierarkia existitzen den bideoak kontsumitu. Egileek heziketa sexuala jarri dute hausnarketa horien erdigunean. Adierazi dutenez, parte hartu duten nerabeen erdiek baino gehiagok azken bi urtean bederatzi prestakuntza ordu baino gehiago jaso dituzte, baina %64,3ek informazio falta sumatzen dute. «Curriculumean txertatu gabe dago afektibitate eta sexu hezkuntza, eta, aukera ugariz jositako mundu teknologiko honetan, sexualitateko irakasle eta aholkulari bihurtu da pornografia nerabeentzat». Erakundearen iritziz, beharrezkoa da programa gehiago lantzea, besteak beste, «jardunbide egokiak» lantzeko.
2020-9-22
https://www.berria.eus/albisteak/187236/ospitaleratzeek-gora-egin-dute-azken-egunean.htm
Gizartea
Ospitaleratzeek gora egin dute azken egunean
Beste 662 koronabirus kasu detektatu dituzte azken egunean Hegoaldean, eta 47 lagun ospitaleratu dituzte, aurreko egunean baino hamahiru gehiago. Bost pertsona hil dira, Nafarroan.
Ospitaleratzeek gora egin dute azken egunean. Beste 662 koronabirus kasu detektatu dituzte azken egunean Hegoaldean, eta 47 lagun ospitaleratu dituzte, aurreko egunean baino hamahiru gehiago. Bost pertsona hil dira, Nafarroan.
Lurraldeka, Gipuzkoan eta Araban ugaritu egin dira egun bakarrean atzemandako positiboak. Bizkaian eta Nafarroan, berriz, pixka bat apaldu da kasu kopurua; dena dela, bi lurralde horietan atzeman da kasu gehien. Zehazki, 348 kasu detektatu dituzte Nafarroan, 167 Bizkaian, 87 Gipuzkoan, eta 52, berriz, Araban. Koronabirusarekin eri ziren bost pertsona hil dira azken egunean, Nafarroan. Osasun Departamentuak jakinarazi duenez, 56, 78, 84, 85 eta 89 urtekoak dira hildakoak. Ospitaleratzeei dagokienez, hazi egin da egun bakarrean erietxeratutako lagunen kopurua. Azken 24 orduan, koronabirusa zuten 47 pertsona ospitaleratu dituzte; bezperan hamahiru gutxiago izan ziren: 34, alegia. Halaber, oraintxe bertan 80 gaixo daude ZIUetan Hego Euskal Herrian.
2020-9-22
https://www.berria.eus/albisteak/187237/telelana-birusarengatik-ezarri-duten-enpresak-ez-ditu-lotuko-lege-berriak.htm
Ekonomia
Telelana birusarengatik ezarri duten enpresak ez ditu lotuko lege berriak
Espainiako Gobernuak onartutako telelanaren legeak lanaldiaren eta gastuen atalak zehaztu ditu. COVID-19arengatik etxetik ari direnen kasuan ere zenbait gastu bere gain hartuko dituzte enpresek.
Telelana birusarengatik ezarri duten enpresak ez ditu lotuko lege berriak. Espainiako Gobernuak onartutako telelanaren legeak lanaldiaren eta gastuen atalak zehaztu ditu. COVID-19arengatik etxetik ari direnen kasuan ere zenbait gastu bere gain hartuko dituzte enpresek.
Jarduera ez eteteko langileek etxetik beharrean jarraitzea baino beste erremediorik ez dute izan milaka enpresak eta langilek Euskal Herrian. Pandemiak pertsonak bakartzea eskatu du, maila batean edo bestean, eta planifikazio handirik gabe kasu gehienetan, etxetik lanean dira milaka behargin, edo etxea eta lantokia tartekatzen. Egoera horrek bultzatu du Espainiako Gobernua telelanari buruzko lege bat lehebailehen onartzera, enpresen eta langileen betebeharrak eta eskubideak mugatzeko. Espainiako sindikatuekin eta patronalarekin akordioa lortuta onartu du lege berria Madrilek. Eta paradoxa da: COVID-19a dela eta, telelana ezarria duten enpresak ez ditu lotuko. Horrek ez du esan nahi, ordea, etxean diharduten langileen gastuekiko ardura ez dutenik enpresek. Legea zein kasutan den aplikatzekoa, gastuen banaketa, lanaldien antolaketa eta beharginen lanaldien gainbegiratzeko tresnak jorratzen ditu arau bilduma berriak. Zer da telelana? Gutxienez hiru hilabetez eta lanaldiaren %30 etxetik eginez baino ez zaio aplikatuko telelanaren legea behargin bati. Egunero lanaldiaren erdia etxetik egitea edo lanaldi osoa noizik eta behin egitea ez du telelantzat jotzen legeak. Astero egun eta erdi oso bat behintzat egin beharko da legea aplikatu behar izateko. %20tik %30era eraman du muga Madrilek, patronalaren presioa tarteko. Gastuak norentzat dira? Enpresaren ardura da telelana egin dadin langileak beharrezkoak dituen tresnak hornitzea eta haien mantentzea pagatzea. Ordainketa horien zenbatekoa negoziazio kolektiboaren esku uzten du legeak, dena den. Hau da, enpresaren erantzukizuna da telelanak eragiten dituen gastu nagusiak pagatzea, baina praktikan lantaldearekin lortzen duen akordioen menpe geratzen da zein neurrian pagatuko dituen. Internet sarea, telefonoa, argia... gastu asko egon daitezke pagatzeko; enpresak horien zein portzentaje pagatuko duen negoziazio kolektiboak finkatuko du. Itun bat egin behar da? Bai, langileek eta enpresek itun bat egin behar dute, eta enpresak hamar egun ditu hura jakinarazteko lan agintaritzari, betiere COVID-19az besteko telelana gauzatzen ari bada enpresa. Edukiari dagokionez, gutxieneko bat ezartzen du legeak: telelana egiteko beharrezkoa den tresneria adieraztea, langilearen gastuak eta horiek nola pagatuko diren zehaztea, eta ordutegiak ezartzea, besteak beste. Koronabirusekoekin zer? Patronalak lortu du aparteko egoerek bultzatutako telelana legetik at geratzea, eta pandemia aparteko egoera da, begibistakoa denez. Hala, enpresek beren itun kolektiboekin jarraituko dute, telelana COVID-19 dela-eta ezarrita baldin badute jadanik. Hori bai, langileak hornitu beharko dituzte beharrezkoak diren tresnekin (ordenagailuak, telefonoak eta beste), eta horien gastuak beren gain hartu beharko dituzte. Hau da, arautegi berria ez da aplikatzen, baina gastuak enpresarenak dira. Nola eta zenbat pagatuko dituen? Negozioazio kolektiboaren menpe geratzen da. Langilea kontrola dezake enpresak? Bai, baina legeak ez du argitzen nola. Langilea «gainbegiratzeko eta kontrolatzeko egokitzat» jotzen dituen neurriak hartu ahal izango ditu enpresak, betiere behargina bere lana egiten ari dela bermatzeko. Enpresak bitarteko telematikoak baliatu ahal izango dituela adierazten du legeak, baina beharginaren «duintasuna eta intimitatea» muga gisa hartuta; indefinizio handia dago, beraz. Halaber, enpresak ezingo du behartu langilea bereak diren ordenagailu, tablet edo telefonoetan programa eta aplikazio zehatzak instalatzera. Ordutegi malgurik bai? Bai, langilearen ordutegia malgua izan daiteke, baina, aldi berean, beharginak enpresarentzat prest egon behar duen hainbat une egon daitezkeela ezartzen ditu legeak. Alegia, enpresak eta langileak negozia dezakete ordu jakin batzuek lanekoak behar dutela izan derrigorrez. Edonola ere, idatziak gogoratzen du deskonexio digitala jasota dagoela legedian. Borondatezkoa da? Bai, borondatezkoa da, hala langilearentzat nola enpresarentzat. Eta biek egin dezakete atzera, lan presentzialari ekinez. Horretarako negoziazio kolektiboan negoziatu dena baizik ez da jarraitu behar. Langileak ezin du telelana erreklamatu, baina enpresak ere ezin du behartu telelana egitera; enpresak telelana egiteko eskatu eta langileak horri uko egitea ez da izango kaleratzeko arrazoi objektiboa, ezta lan baldintzak aldatzeko ere. Eskubideei eutsiko zaie? Bai, telelana egiten duten langileek enpresaren egoitzan lan egiten dutenen eskubide berak izango dituzte. Behargin horiei ezingo zaie gutxiago pagatu edo trebatzeko ikastarorik gabe utzi, edota maila profesionalean gora egiteko prozesuetatik kanpo utzi.
2020-9-22
https://www.berria.eus/albisteak/187238/irailaren-28an-abiatuko-da-eskola-kirola-araban-eta-bizkaian-lehenak-hego-euskal-herrian.htm
Gizartea
Irailaren 28an abiatuko da eskola kirola Araban eta Bizkaian: lehenak Hego Euskal Herrian
Segurtasun neurri zorrotzekin hasiko da eskola kirola Araban eta Bizkaian, hilaren amaieran. Urrian ekingo diote Gipuzkoan eta Nafarroan. Ipar Euskal Herrian, ikasturte hasieratik dago baimenduta.
Irailaren 28an abiatuko da eskola kirola Araban eta Bizkaian: lehenak Hego Euskal Herrian. Segurtasun neurri zorrotzekin hasiko da eskola kirola Araban eta Bizkaian, hilaren amaieran. Urrian ekingo diote Gipuzkoan eta Nafarroan. Ipar Euskal Herrian, ikasturte hasieratik dago baimenduta.
Euskal Herriko gazteentzako kirol jardueren egutegia badoa finkatuz apurka-apurka. Lurralde bakoitza bere planteamendu zehatza egiten ari da, izurriaren bilakaera zein den aztertuta. Ondo bidean, Arabako haur eta gazteak irailaren 28an dira entrenamenduekin hastekoak, baita Bizkaian ere; Gipuzkoan, berriz, hiru egun geroago ekingo diote, hots, urriaren 1ean, betiere kontaktu mugatua dutela; Nafarroan ere urrian hasiko dute, baina ez dute iragarri zehazki zer egunetan; azkenik, Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Behereko ikasleek ikasturte hasieratik normaltasun osoz ari dira entrenatzen. Arabako Foru Aldundiak, kirol federazioekin bilera bat egin ostean, atzo jakinarazi zuen kirola egiteko baldintza guztiak betetzen dituztenak hurrengo astelehenik aurrera izango direla kirola egiten hasteko moduan. Eskola Kirolaren Euskal Batzordeak, hiru lurraldeetako aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak kirol jarduerako protokoloa onartu zuten, udalek eta taldeek segurtasun neurriak hartzeko jarraibideak izan ditzaten. Neurrien artean, besteak beste, aire zabalean entrenatzea lehenetsi dute, eta ateak itxita egongo dira. Gazteek bakarka egingo dituzte lehen saioak, lesio arriskua saihesteko, eta, gaitzaren kasurik atzeman ezean, talde osoa batuko da. Horrez gain, kirola egiten ari diren bitartean, ahal den neurrian, elkarren arteko distantzia fisikoa mantendu beharko dute. Materiala partekatzen badute, bestalde, garbitasunerako neurri zorrotzak ezarriko dira, eta aldagelak ezin izango dituzte erabili, igerilariek izan ezik. Maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da kirola egiten ez dutenentzat. Bestalde, Ana del Val Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kiroleko zinegotziak adierazi duenez, gazteentzako garraio zerbitzua ezarriko dute, entrenamenduetara eramateko, eta geroago, lehiaketetara garraiatzeko. Bizkaiko Foru Aldundiak ere eskola kirola abiatzeko data bera ezarri du: hilaren 28a. Oraingoz, Araban bezala, ez du lehiaketarik antolatuko, egoera epidemiologikoak modurik ematen ez duen bitartean. «Entrenamenduetan, gaztetxoek kontaktu mugatua izango dute, eta ezingo dute beste taldeko gazteekin harreman sozialik izan. Horrez gain, entrenamendu guztiak ateak itxita izango dira», azaldu du Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kiroletako zinegotziak. Haien asmoa da taldeak une oro modu kontrolatuan zaintzea. Gipuzkoan, joan den astean eman zituzten eskola kirolari berriz heltzeko gidalerroak. Urriaren 1etik aurrera hasi ahalko dira entrenatzen, betiere «kontaktu fisikorik gabe» eta «ingurune seguruetan». Kimuen eta haurren mailako txapelketen hasierak, ordea, datorren urteko urtarrilera arte atzeratu ditu aldundiak. Ezohiko egoera honetan, aldundiak emandako jarraibideen arabera, taldeetan hamabost pertsona aritu ahalko dira gehienez, «segurtasun tartea mantendu» beharko dute, eta gaztetxoek «ezingo dute materiala partekatu»; beste lurraldeetan hartu den neurri bera. Nafarroan, berriz, urriaren hasieran, kontaktu fisiko txikiena duten kirolak egitea baimenduko dute, hala nola pilota, mahai tenisa eta xakea. Taldekako kirolak beranduago hasiko dira, eta azaroan, berriz, kontaktu handiena duten kirol modalitateak. Nafarroako Kirol Institutuak azaldu duenez, segurtasun neurriak «zorrotzak» izango dira: besteak beste, kiroldegietako harmailetako gehienezko ikusle kopurua %66raino mugatuko dute. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, azkenik, kolegioetan eta lizeoetan bakarrik baimendu dituzte entrenamendu eta lehiaketa guztiak, kontaktu fisiko handirik gabekoak. Segurtasun neurriei dagokienez, udalerri bakoitza da kiroldegietako aldagelen eta azpiegituren erabileraren arduradun.
2020-9-22
https://www.berria.eus/albisteak/187239/eztabaida-zientifikoa-sustatzeko-eskatu-du-osasuna-eta-eskubideak-taldeak.htm
Gizartea
«Eztabaida zientifikoa sustatzeko» eskatu du Osasuna eta Eskubideak taldeak
Larunbatean auto karabanak antolatuko dituzte, osasun krisia «eskubideak murriztu gabe» kudeatu behar dela aldarrikatzeko.
«Eztabaida zientifikoa sustatzeko» eskatu du Osasuna eta Eskubideak taldeak. Larunbatean auto karabanak antolatuko dituzte, osasun krisia «eskubideak murriztu gabe» kudeatu behar dela aldarrikatzeko.
Osasuna eta Eskubideak izeneko taldeak aurkezpena egin du Bilbon egindako agerraldi batean. Esan dutenez, «egoeraz kezkaturik» dauden zenbait taldek eta gizabanakok osatu dute plataforma berria, eta haien asmoa da «eztabaida irekitzea» eta iritzi guztiak aintzat har daitezen. Nekane Jurado ekonomialariak esan du COVID-19aren krisiak «lehenagotik zetozen joerak» azkartu dituela, eta «estatuen haustura, ekonomiaren robotizazioa eta herritarren kontrola» areagotzen ari direla. Plataforma berriko kideek argi utzi nahi izan dute ez direla «negazionistak», baina zalantzan jarri dute «bertsio ofizialaren» zenbait arlo. «Zentsura» eta komunikabideetatik hedatzen ari den «izua» gaitzetsi dute, eta zenbait eskaera egin dizkiete erakundeei: «ikerketa batzorde independente eta garden bat» sortzeko «krisi honen kudeaketa eta hartu diren neurriak egokiak izan ote diren argitzeko», zahar etxeetako egoera ikertzeko, «eztabaida zientifikoa» sustatzeko «bertsio ofizialarekin bat ez datozenei ahotsa emanez», eta abar. «Arrazoia eta sen ona nagusitzea nahi dugu», azaldu dute. Eskaera horien alde, auto karabanak egingo dituzte datorren larunbatean. Hego Euskal Herriko hiriburuetako bakoitzean egingo dituzte karabanak, eta gero denak Oñatira (Gipuzkoa) abiatuko dira; 13:45ean iritsiko dira hara.
2020-9-22
https://www.berria.eus/albisteak/187240/txinaren-kontrako-neurriak-eskatu-dizkiote-aebek-nberi-pandemiarengatik.htm
Mundua
Txinaren kontrako neurriak eskatu dizkiote AEBek NBEri, pandemiarengatik
Txinak osasun krisiaren «politizazioa» gaitzetsi du, eta nazioarteko ordena berri bat galdegin du. Guterres NBEko idazkari nagusiak «beste Gerra Hotz baten» arriskuaz ohartarazi du.
Txinaren kontrako neurriak eskatu dizkiote AEBek NBEri, pandemiarengatik. Txinak osasun krisiaren «politizazioa» gaitzetsi du, eta nazioarteko ordena berri bat galdegin du. Guterres NBEko idazkari nagusiak «beste Gerra Hotz baten» arriskuaz ohartarazi du.
NBE Nazio Batuen Erakundea 75 urte betetzear da, baina urtemugaren ospakizunak beste berezitasun batzuk izan ditu aurtengo batzar nagusian. Lehen aldiz, munduko agintariak ez dira New Yorken elkartu, eta aurrez grabatutako hitzaldiekin osatu dute topaketa birtuala. Batzarrak agerian utzi du munduko bi potentzien arteko lehia. Donald Trump AEBetako presidenteak ahoan bilorik gabe hitz egin du Txinaren kontra. Pekini leporatu dio COVID-19aren pandemia munduan hedatu izana. Xi Jinping Txinako presidenteak, berriz, osasun krisiaren «politizazioa» baztertzera deitu du, eta nabarmendu du beharra dagoela «nazioarteko harremanetarako eredu berri bat» sortzeko, hainbat potentziaren arteko oreka oinarri izango duena. Txinaren kontrako kritika gordinak egitera bideratu du Trumpek NBEko batzar nagusiko bere hitzaldia. COVID-19 birusari buruz ari zela, adierazi du munduak «etsai ikusezin» bat duela aurrez aurre: «Txina birusa». Eta, hain justu, Pekini leporatu dio pandemia munduan hedatu izanaren errua. Hori dela eta, AEBek adierazi dute NBEk kontuak eskatu beharko lizkiokeela Txinari. Trumpek gaineratu du OME Osasunaren Mundu Erakundea Txinako Gobernuak kontrolatzen duela, eta bi erakundeei egotzi die pandemia hasieran hainbat gezur zabaltzea. Besteak beste, birusa gizakien artean kutsatzen zelako frogarik ez zutela ziurtatzea eta sintomarik ez dutenek gaitza ezin dutela kutsatu adieraztea. AEBek Txinaren aurka egindako kritikak ez dira pandemiara mugatu. Trumpek Txinak sortzen duen kutsadura ere gaitzetsi du. Salatu duenez, «Txinaren karbono isuriak» AEBek sortutakoak «ia halako bi» dira, eta «azkar ugariitzen jarraitzen dute». Trumpen esanetan, «AEBen ingurumen politikak kritikatzen dituztenak, Txinaren kutsadura geroz eta handiagoari ez ikusiarena egiten badiote, ez daude ingurumenarengatik kezkatuta». AEBak Parisko Akordiotik erretiratzeko prozesua hasi zuen Trumpek, eta ordutik karbono isuriak «beste edozein herrialdek baino gehiago murriztu» dituela ziurtatu du. AEBetako presidenteak «bake akordio historikoak» sustatu dituela nabarmendu du, bestalde. Kosovo eta Serbiaren arteko elkarrizketak aipatu ditu, baita Israelek Arabiar Emirerri Batuekin eta Bahrainekin sinatu dituen itunak ere. Ekialde Hurbilari dagokionez, «laster akordio gehiago» izango direla ziurtatu du. Trumpen arabera, AEBek beren «patu bakezalea» betetzen dute. «Indarrean oinarritutako bakezaletasuna da». Presidenteak gaineratu du «AEBen aberastasuna» dela «mundu osoaren segurtasunaren oinarria». Batzordeko hitzaldiak grabatutako bideoak zirenez, Xi Jinping Txinako presidenteak ezin izan die Trumpen akusazioei zuzenean erantzun, baina baztertu egin du pandemiaren «politizazioa» eta «estigmatizazioa». Xiren esanetan, zientziak gidatu behar du estatuen jarduna COVID-19aren aurka, eta OMEren egitekoa nabarmendu du, «nazioarteko erantzun» bat eman ahal izateko. Txinako presidenteak nabarmendu du nazioarteko elkarlana bultzatuko duela, eta Txinak garatuko dituen txertoak «ondasun publikoak» izango direla, edonoren eskura, garabidean diren herrialdeak lehenetsita. NBEren COVID-19aren kontrako funtsera baliabide gehiago bideratuko dituela ere jakinarazi du. Pandemiatik harago, elkarlanak nazioarteko harremanen oinarri izan behar duela adierazi du Xik, eta gaitzetsi egin ditu alde bakarreko jokabideak eta protekzionismo ekonomikoa. Txinako presidentearen esanetan, estatuak elkarren mendeko dira egungo mundu globalizatuan, eta horrek mundu mailako gobernantza eredua indartzea eskatzen du; besteak beste, «zibilizazio ekologiko bat» sortzeko. Hala, NBEren egitekoa funtsezkoa dela ziurtatu du Xik, eta potentzien arteko orekan oinarritutako nazioarteko ordena berri bat aldarrikatu du. Presidentearen esanetan, Txinak ez du nazioarteko hegemonia bilatuko, eta ez du izango «ez gerra hotzik, ezta berorik ere». «Gerra Hotz baten arriskua» Hain zuzen, «beste Gerra Hotz baten» arriskuaz ohartarazi du Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak. Mundua «norabide oso arriskutsuan» ikusten du. Haren iritziz, eragotzi beharrekoa da bi potentzia ekonomiko handienek mundua bitan zatitzea, bakoitza bere eragin esparruarekin. «Arrakala teknologiko eta ekonomiko batek ezinbestean ekarriko luke arrakala geoestrategiko eta militar baten arriskua». NBEko buruak munduko agintariei eskatu die alde batera uzteko «populismoa eta nazionalismoa», eta jarraitzeko «zientziari» egungo garai historikoari aurre egiteko, «elkartasunarekin eta umiltasunez» jokatuz. «Mundu interkonektatu batean, bada garaia egia sinple bat aitortzeko: elkartasuna guztion interesekoa da. Ez baldin badugu hori ulertzen, mundu guztiak galduko du», esan du Guterresek. Egungo egoera II. Mundu Gerraren ostekoarekin alderatu du, eta esan du koronabirusaren krisia «entsegu orokor bat» dela datozen egoeren aurrean prestatzeko. Birusari dagokionez, NBE lanean ari da gaitzari aurre egiteko tratamendua «guztien onerako» izan dadin, eta «txerto popular» bat egon dadin guztien eskura. Haatik, idazkari nagusiak salatu du «zenbait herrialdek» soilik eurek erabiltzeko txertoak sustatu dituztela. «Inor ez da seguru egongo guztiok seguru egon arte». Guterresek diru gehiago eskatu du garatzeko bidean diren herrialdeentzat. Pandemiak leku horietan «hondamendirik» eragin ez dezan, «kontratu sozial» berri bat ezartzearen alde hitz egin du. Esan du babes soziala behar dela, eta ekonomia berdeago bat ere bai, klima larrialdiari aurre egiteko neurri zorrotzekin. Gainera, kontratu sozial hori «nazioarteko akordio» batekin batera egin behar dute, haren ustean, munduko gobernantza «justuago eta eraginkorragoa» izan dadin. Diplomazialariak «mundu osoko su-eten bat» ere eskatu du.
2020-9-22
https://www.berria.eus/albisteak/187241/ostegun-gauerditik-ezingo-da-azkoiendik-atera-edo-bertara-joan.htm
Gizartea
Ostegun gauerditik ezingo da Azkoiendik atera edo bertara joan
Azken lau egunetan ehundik gora positibo atzeman dituzte herrian, eta gobernuak murrizketak ezarri ditu herriko ostalaritzan zein saltokietan.
Ostegun gauerditik ezingo da Azkoiendik atera edo bertara joan. Azken lau egunetan ehundik gora positibo atzeman dituzte herrian, eta gobernuak murrizketak ezarri ditu herriko ostalaritzan zein saltokietan.
Atzera. Konfinamenduaren osteko bigarren fasera itzuliko dira Azkoienen (Nafarroa), azken egunetako COVID-19 agerraldien ostean. Nafarroako Gobernuak arratsaldean jakinarazi du ostatuek 22:00etarako ateak itxi beharko dituztela, edukiera erdira murriztuko dutela eta gehienez sei lagun zerbitzatu. Ostalaritzaz gain, saltokiek eta bestelako negozioek pertsona kopurua erdira murriztuko dute. Gainera, kiroldegi, kultur etxe eta eraikin publikoak itxi egingo dira. Ostegun gauerdian sartuko da indarrean. Neurri horietan, beste berezitasun bat dago. Ostegun gauerditik, ezinbesteko arrazoiengatik ez bada, ezingo da herritik irten edo sartu. Foruzainek eta guardia zibilek kontrolatuko dute errepidea. Gobernuak Azkoiengo Udalarekin hitz egin ostean hartu du erabakia eta foru agindu bidez ezarriko ditu neurri horiek. Ehundik gora positibo erregistratu dituzte ostiralaz geroztik; herriko festak ospatu ohi diren egunetatik bi astera, hain zuzen ere. Festak bertan behera geldituak ziren, baina hainbat lagun eta kuadrilla elkartu ziren herrian hala eta guztiz ere. Neurriok jakin aurretik, Ser irrati katean eginiko elkarrizketan, Juan Carlos Castillo alkateak azaldu du atzo iluntzean batzartu zela udaleko osasun batzordea eta «bigarren fasera itzultzeko aukera» jarri zutela mahai gainean. Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuarekin ere batzartu da gaur alkatea, neurriok zehazteko:«Foru dekretu bat argitaratuko dute, Azkoienerako propio». Konfinamendua ez da baztertzen Udal agintariek ez dute, oraingoz, konfinamendu orokorra planteatu, baina alkateak ez du aukera hori baztertu: «Ez dugu horretara iritsi nahi, baina erritmo honetan eta kutsatzeek ez badute behera egiten, ezin izanen dugu besterik egin: bide horretan gaude». Arduraz jokatzeko deia egin die Azkoiengo herritarrei, egoera onbideratzeko. Bestalde, Radio Euskadi irratian hitz egin du Maria Txibite Nafarroako lehendakariak, eta esan du "kezka" eragiten diola zenbait udalerriren egoerak: «Ez-jaietatik 15 egunera, nabarmen egin dute gora positiboek eta, seguruenera, neurri zehatzak ezarri beharko ditugu kutsatze handiko eremu horietan».
2020-9-22
https://www.berria.eus/albisteak/187242/aske-gelditu-da-oihane-bakedano-presoa.htm
Politika
Aske gelditu da Oihane Bakedano presoa
Soto del Realgo kartzelatik atera da gaur arratsaldean. Hemezortzi urte egin ditu preso.
Aske gelditu da Oihane Bakedano presoa. Soto del Realgo kartzelatik atera da gaur arratsaldean. Hemezortzi urte egin ditu preso.
Oihane Bakedano presoa gaur atera da Soto del Realgo espetxetik (Espainia). Uztailean lekualdatu zuten hara, Jaengo kartzelatik (Andaluzia). Guardia Zibilak 2002ko irailaren 29an atxilotu zuen Bakedano: torturak salatu zituen. Hemezortzi urte egin ditu espetxean, ETAko kide izatea eta lehergailuak eta armak lizentziarik gabe edukitzea leporatuta.
2020-9-22
https://www.berria.eus/albisteak/187243/hegazkingintza-ez-dago-isilik.htm
Ekonomia
Hegazkingintza ez dago isilik
ITP Aeroko langileen gehiengo handiak greba egin du, eta sindikatuek bat egin dute manifestazioan, baina ez pankarta berean. Aernnovan lau orduko lanuztea egin dute
Hegazkingintza ez dago isilik. ITP Aeroko langileen gehiengo handiak greba egin du, eta sindikatuek bat egin dute manifestazioan, baina ez pankarta berean. Aernnovan lau orduko lanuztea egin dute
ITP Aeroko eta Aernnovako langileek garbi utzi dute kaleratzerik ez dutela onartuko. Bi plantetan greba eguna izan da gaur: egun osokoa ITPn (Zamudio, Bizkaia), eta lau ordukoa Aernnovan (Berantevilla, Araba); eta bietan langileen gehiengo handi batek babestu du lanuztea. ITPkoek manifestazioa ere egin dute Bilboko kaleetan, jendetsua, langile batzordeko hiru sindikatuek babestu dutelako. Hori bai, sindikatu bakoitzak bere pankarta eraman du, jarrerak bateratzeke dituzten seinale. ITP Aeroko zuzendaritza eta langile batzordea 194 kaleratze egiteko —1.269 langile dira guztira— erregulazio espedientearen nondik norakoak negoziatzen ari dira egun. Langileen %12 behin-behinekoak dira, eta horietako batzuek ere ez dute jarraituko. Atzo izan zen bigarren bilera, eta bihar berriz elkartuko dira. Asteleheneko bilera «burokratikoa» izan zen, sindikatuen arabera, eta informazio ekonomiko gehiago eskatu zioten enpresari. Datu horiek bihar jasoko dituzte, eta bilera horren ondoren elkartuko dira sindikatuak hurrengo egunetan eman beharreko pausoak erabakitzeko. ELAk hamar ordezkari ditu batzordean; CCOOk, zortzi; eta UGTk ,bost. ELAk deituriko hirugarren greba eguna da gaurkoa, eta UGTren eta CCOOren aurrenekoa, Espainiako hegazkingintzan eginiko deialdiarekin bat eginez. Hiruren mezua antzekoa izan da: ez dute onartuko 2016 eta 2019 bitartean 260 milioi euroren irabaziak izan zituen enpresa batek kaleratzerik egitea. Euren ustez, krisia aldi baterakoa denez, egokiagoa da neurri ez-traumatikoak hartzea, baimenak eta halakoak. Denbora, baina, aurka dute ITPn. Aldi baterako lan erregulazio espedientea gaur zortzi bukatuko da, eta negoziazio epea urriaren 16an. ELAk beste greba egun batera deitu du etziko, Gaizka Aldazabal batzordeko kidearen ustez «kalean egotea» delako enpresak utzi duen aukera bakarra: «Gaurko bileran sindikatuen artean irizpideak bateratzen saiatuko gara, baina ekintza sindikala da espedientea bertan behera uzteko modu bakarra». Bat egiteko zailtasunak Hiru sindikatuek ez dute baztertzen mobilizazioekin jarraitzea, ezta greba egutegi bati ekitea ere. Dena den, aldea dago erritmoetan. David Gago CCOOko delegatuak «batasuna» eskatu du manifestazioan amaieran, baina zaila dirudi biharko grebarekin bat egitea: «Bat egin behar dugu, baina mobilizazioen intentsitate maila neurtu behar da. Ezin dituzu aukera guztiak lehen egunean erre; dosifikatzen joan behar duzu. Greba egitekotan, bateratua izan behar du». UGTren izenean Patxi Martinez delegatuak hitz egin du, eta «arinegi» ez dela ibili behar azaldu du: «Datuak aztertu behar dira. Funtsezkoena lantaldea babestea da». Hitza hartu duenean, Espainia osoko sektorearen batasuna aipatu du, eta horrek ikusgarritasun handiagoa ematen diola protestari. ITPren espedienteak ez dio Zamudioko plantari bakarrik eragiten, baita Espainiako biei ere (Alcobendas eta Ajavir), eta negoziatzeko eremuak zein beharko lukeen da sindikatuen batasuna zailtzen duen aldagaietako bat. ELAk Zamudion erabaki dadila nahi du; UGTk eta CCOOk, aldiz, ez dute begi txarrez ikusten hiru plantek bat eginda negoziatzea. Aernnovan, «%90» Aernnovan ere greba eguna izan da. Espainiarako deialdia zegoenez, langile batzordeak deialdi propioa egin du, eta ia lantalde osoak bete du: «Ekoizpen ataleko guztiek eta bulegoetako erdiek, %90 inguru», azaldu zuten iturri sindikalek. Aernnovako langile batzordean sindikatu guztiek dute ordezkaria: ELAk, LABek eta CCOOK hiruna delegatu dituzte; UGTk, bi; eta USOk eta CGTk, bana. 450 langilek dihardute Berantevillako plantan, eta enpresak %20 inguru kaleratzea espero da. Zuzendaritzak ez du kopuru zehatzik eman oraindik, Jaurlaritzarekin adosturiko akordio bat dela-eta ezin duelako kaleratzerik egin abenduaren 31 arte. Egun horretan bukatuko da indarrean duten aldi baterako erregulazio espedientea. Larunbatean izango dute hurrengo mobilizazioa, Arabako aeronautikak Gasteizen deituriko manifestazioan.
2020-9-22
https://www.berria.eus/albisteak/187244/flamenkoak-agertu-dira-kostaldean.htm
Gizartea
Flamenkoak agertu dira kostaldean
Flamenkoak ikusi dituzte, besteak beste, Irunen, Zarautzen eta Urdaibain.
Flamenkoak agertu dira kostaldean. Flamenkoak ikusi dituzte, besteak beste, Irunen, Zarautzen eta Urdaibain.
Ezohiko animalia bat ikusteko aukera egon da azken egunetan euskal kostaldeko hainbat lekutan: flamenkoak agertu dira. Irungo (Gipuzkoa) Plaiaundi parke ekologikoan ikusi zuten horietako bat joan den astelehenean, eta hurrengo egunean beste hiru ikusi zituzten leku berean. Flamenkoak ez dira Irunen bakarrik agertu, ordea. Astelehenean bertan, Urdaibaiko (Bizkaia) biosferan ere bi ale ikusi zituzten. Urdaibain animalia horiek ikusten dituzten lehen aldia izan zen. Egun batzuk beranduago, larunbatean, beste bi flamenko ikusi zituzten Zarautzen (Gipuzkoa).
2020-9-22
https://www.berria.eus/albisteak/187245/hautetsiek-bakegileen-ekintzan-parte-hartu-izana-salatu-du-pcfk.htm
Politika
Hautetsiek bakegileen ekintzan parte hartu izana salatu du PCFk
Lapurdi kostaldeko alderdi komunistaren hitzetan, «Errepublika da murruz hetsi» zutena, eta aitortu gabeko helburua argi uzten du: «Frantziako Euskal Herria» lurralde «bereizia» bilakatzea, «bere estatus berezi eta independentearekin».
Hautetsiek bakegileen ekintzan parte hartu izana salatu du PCFk. Lapurdi kostaldeko alderdi komunistaren hitzetan, «Errepublika da murruz hetsi» zutena, eta aitortu gabeko helburua argi uzten du: «Frantziako Euskal Herria» lurralde «bereizia» bilakatzea, «bere estatus berezi eta independentearekin».
Frantziak gatazkaren konponbidean ezarritako «blokeoa» salatzeko, desobedientzia ekintza bat egin zuten ehunka herritarrek larunbatean, Baionan. Bakegileen deiari erantzunez, egurrezko panelez estali zuten suprefeturaren aitzinaldea, eta adreiluzko pareta bat eraiki zuten sarreraren aitzinean. Ekintza sinbolikoaren helburua Frantziak ezarritako pareta irudikatzea zen, berau eraisteko beharra azpimarratzeko. Hainbat eragiletako ordezkarik eta zenbait hautetsik ere parte hartu zuten egitasmoan, tartean Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakaria. Gaur, hautetsien parte hartze hori gaitzetsi du Lapurdi kostaldeko PCF alderdiak, ohar batean. Giza eskubideen izenean eri diren presoekiko «erabaki humanitarioak hartzea» eta euskal presoak hurbiltzea babestu izan badu ere, auzapez batzuk suprefetura «murruz hesten» ikustea «ezin ulertua» egin zaio PCFi. «Errepublika da murruz hetsi dutena, hautetsi diren Errepublika, ordaintzen duten Errepublika», deitoratu dute. «Funtsean, batzuetan aitortu gabea den haien helburu politikoa baieztatzen dute: gure Frantziako Euskal Herria lurralde bereizia bilakatzea, estatu berezi eta independentearekin». PCFren hitzetan, «politika liberalen defendatzaile» horiek haien elkartasuna eta eskuzabaltasuna «hautatzen» dituzte. «Lurralde honetako herritarrek ez dute deus irabazteko liberalismoaren eramaileei hauspotzen dituen euskal nazionalismoarekin».
2020-9-22
https://www.berria.eus/albisteak/187246/kontaktuen-itxialdia-lau-egun-moztu-du-madrilek-hamar-egun-iraungo-du.htm
Gizartea
Kontaktuen itxialdia lau egun moztu du Madrilek: hamar egun iraungo du
Koronabirusa atzemateko beste test batzuk martxan jartzea erabaki du Espainiako Gobernuak: antigenoak aurkitzeko probak egingo dituzte
Kontaktuen itxialdia lau egun moztu du Madrilek: hamar egun iraungo du. Koronabirusa atzemateko beste test batzuk martxan jartzea erabaki du Espainiako Gobernuak: antigenoak aurkitzeko probak egingo dituzte
Espainiako Osasun Ministerioak aldatu egingo ditu koronabirusari buruzko osasun jarraibideak. Bi aldaketa nagusi egingo dituzte. Batetik, proban positibo eman dutenen kontaktuek berrogeialdi laburragoa izango dute: hamalau egunekoa zen ofizialki orain arte, eta hamarrekoa izango da aurrerantzean. Kasu batzuetan jada ari ziren hamar eguneko epea erabiltzen. Beste aldaketa nagusia testei buruzkoa da: antigenoak atzemateko probak erabiliko dituzte birusa atzemateko, PCRak ez ezik. Osasun Publikoko Batzordeak erabaki du protokoloa aldatzea. Aurretik, goizean, Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak iragarri du aldaketa horiei buruzko «akordioa» gertu zegoela; haren arabera, izan ere, erkidegoetan adostasun handia zegoen aldaketa horiei buruz. Aldaketa ez da kolpetik iritsi: Kataluniako Generalitateak, adibidez, iragarria zuen hamar eguneko berrogeialdia ezarriko diela kontaktuei, eta Nafarroako Gobernua ere bide berean ari zen. Ministerioaren babesa izango dute orain. Orain arteko araudiarekin ere bazegoen aukera epemugak arintzeko: adibidez, positiboen kasuan hamalau egun egin beharrean hamar egin zitzaketen itxialdian, baldin eta hiru egunean ez bazuten sintomarik. Positiboen kontaktu estuei dagokienez, arau orokorra izan da hamalau egunekoa, baina aukera zuten hamar egunera amaitzeko, baldin eta PCR batekin egiaztatzen bazuten negatibo zirela. Orain, berriz, PCRa egin gabe amaituko dute itxialdia hamar egun igarotzean. Gogoan izatekoa da Frantziako Gobernuak halako urrats bat egin duela, eta Herbehereek ere bai. Zailtasunak Erabaki horien atzean daude, batetik, itxialdiak ondo betetzeko zailtasunak: bakartzeek askotan trabak dakartzate zaintza lanetan eta enpleguaren arloan. Arazo horiek arintzera egin nahi dute berrogeialdiak murriztuta. Izan ere, osasun agintarien susmoa da neurri horiek ez direla ondo betetzen maiz. «Itxialdi trinkoagoak eta hobeak egiten direla ziurtatzen badugu, gehiago egingo dira», aitortu du, adibidez, berriki Kataluniako Osasun Publikoko idazkari Josep Maria Argimonek. Kontuan hartzekoa da ikertzaileen jardunak zer erakutsi duen: hainbat ikerketak diote hamar eguneko epemuga egokia izan daitekeela. Hasiera batean gaitzaren inkubatze aldia hamalau egunekoa izaten zela esaten bazuten ere, orain ikusten ari dira behin hamargarren egunetik aurrera «oso arraroak» direla kutsatzeak, bakanak. Uste dute, hortaz, arriskua baino abantaila handiagoa ekarriko duela epea mozteak. Berrogeialdia laburtzearekin «zuhur» azaldu da Jaurlaritza. Osasun sailburu Gotzone Sagarduik atzo ohartarazi zuen izurriaren eboluzioari zuhur begiratu behar zaiola eta halako aldaketak tentuz egin behar direla. Goizean hitz egin zuen sailburuak, Madrilek erabakia iragarri baino lehen. Positiboak atzemateko aldaketa bat ere onartu du ministerioak: antigenoak aurkitzeko testak erabiltzea. Infektatuak «lehenago» topatzea da helburua. PCRekin batera erabiliko dituzte, eta helburua da «datozen hilabeteetako premiei» erantzutea: hots, proba gehiago egiteko gaitasuna izatea.
2020-9-22
https://www.berria.eus/albisteak/187247/bertan-behera-utzi-dituzte-arbonako-herriko-bozak.htm
Politika
Bertan behera utzi dituzte Arbonako herriko bozak
Paueko Auzitegi Administratiboak arrazoia eman dio oposizioari. Helegitea aurkeztu zuten haien aldeko botoak baliogabe gelditu ondoren.
Bertan behera utzi dituzte Arbonako herriko bozak. Paueko Auzitegi Administratiboak arrazoia eman dio oposizioari. Helegitea aurkeztu zuten haien aldeko botoak baliogabe gelditu ondoren.
Arbonako (Lapurdi) herriko bozak berriz egin beharko dira. Hala erabaki du Paueko Administrazio Auzitegiko epaileak. Martxoaren 15eko lehen itzulian, zerrenda abertzalea baliogabetu egin zuten, boto paperetan ez zelako ageri zerrendako kide batek espainiar herritartasuna duela. Biharamunean, erabakiari helegitea ezarri zioten abertzaleek, eta lehengo astean aztertu zuten afera auzitegian. Gaur, abertzaleen aldeko erabakia ematea erabaki du epaileak. «Suprefeturan behar bezala aurkeztu genituen dokumentuak, baina boto paperetan ahantzi genuen», azaldu zuen Zigor Goieaskoetxea Hats Berri Bat Arbonari zerrendako kideak lehengo astean. «Espainiar nortasun agiria dut, baina ez naiz espainola. Naturalki egin genuen». Zerrenda abertzaleko kideen ustez, Marie-Josee Mialocq auzapezaren zerrendakoak lehenago ohartuak ziren huts egiteaz, baina azken momentura arte itxaron zuten egoera salatzeko. «Hasieran ez zuten kontaketa egin nahi izan, zuzenean hauteskunde emaitza egokitu nahi izan zuten haien abantailara, boto paperak kontatu gabe», azaldu du Goieaskoetxeak. «Guk bozak kontatzeko eskatu genien, eta adostasun batera iristea proposatu genuen: garaile ateratzen baginen, salaketa jartzen zuten, eta galtzaile baginen, oposizioan zegozkigun lekuak uzten zizkiguten». Mialocqen taldeak ez zuen onartu, eta suprefeturara deitu zuten salaketa ezartzeko. «Funtsean, Arbonako herritarrak izan dira kaltetuak», deitoratu zuen Goieaskoetxeak.
2020-9-23
https://www.berria.eus/albisteak/187273/txinak-agindu-du-karbonoan-neutral-izango-dela-2060-urtea-baino-lehen.htm
Mundua
Txinak agindu du karbonoan neutral izango dela 2060. urtea baino lehen
Emakumezko ahotsik gabe zabaldu dute bart NBEren Biltzar Nagusia.
Txinak agindu du karbonoan neutral izango dela 2060. urtea baino lehen. Emakumezko ahotsik gabe zabaldu dute bart NBEren Biltzar Nagusia.
Washingtonek nazioarteko itunei eta erakundeei muzin egiteko jarrera hartu duen bitartean, Txina itzala handitzen ari da nazioartean. Bide horretan beste urrats bat egin du Pekinek bart hasitako NBEren Biltzar Nagusian. Txinak data zehatzak jarri dizkio klima aldaketaren kontra duen konpromisoari: 2030erako CO2 isurketen goia joko duela iragarri du Xik, eta 2060. urtea baino lehen karbonoan neutrala izango dela; hau da, ez duela xurgatzen duen baino karbono gehiago isuriko. Beste herrialdeei ere dei egin zien Xik, mundu osoan «iraultza berdea» egiteko. Europako Batasunak neutraltasuna 2050. urterako lortzeko helburua ezarri dio bere buruari, ordea. Trump, haatik, AEB klima aldaketaren aurkako Parisko Itunetik ateratzeko ari da lanean. Edonola ere, presidentetzarako lehiakide duen Joe Bidenek itunera itzultzeko konpromisoa hartu du. Emakumerik gabe Datu harrigarria utzi du NBEren aurtengo Asanblea Nagusia zabaltzeko saioak: 30 estatuburuk baino gehiagok hartu dute parte, eta horietako bat bera ere ez da emakumezkoa izan. Gaur espero da lehen emakume ahotsa entzutea: Eslovakiako presidente Zuzana Caputov. Iaz 192 ordezkarik hartu zuten parte biltzarrean, eta horietako 16 baino ez ziren emakumezkoak. Halere, zabaltzeko saioan egon ziren emakumeak. Horregatik harritu du bart egindako saioak. Ironikoa ere bada gertaturikoa, NBE emakumeen eskubideak bultzatzeko Pekingo Adierazpenaren 25. urteurrena ospatzen ari delako, eta urriaren 1ean horren inguruko goi bilera monografikoa egitekoa da. Guterresek ohartarazi du izurriak eragindako krisiak batez ere emakumeei egiten diela kalte, batez ere emazteak aritzen direlako gehien galdu diren lanetan. Emakumeak dira pandemiak eragindako «ordaindu gabeko zaintza lan» gehiena egiten dutenak ere, haren arabera. Arazoari orain aurre egin ezean, «genero berdintasunak hamarkadak egin ditzake atzera». Iranen afera hizpide izan da saioan. Hango presidente Hasan Rohanik salatu egin ditu herrialdeari egitasmo nuklearra dela-eta ezarritako zigorrak, baina eutsiko diotela adierazi du: «Bizitza gogorra da zigorpean, baina are gogorragoa independentziarik gabe». Iran itotzen duten zigorrak AEBetan George Floyd hiritar beltza hil arte ito zuen poliziaren belaunarekin ditu. Kubako presidente Miguel Diaz-Canelek ere Washingtonen «erasokortasuna» salatu du, eta uhartearen ekonomiari eta garapenari ezartzen dion traba nabarmendu du. «Ez da astebete pasatzen gobernu horrek Kubaren aurkako adierazpenak egin gabe, edo murrizketa gehiago ezarri gabe». Jakin-mina zegoen Brasilgo Jair Bolsonaro presidentearen hitzak entzuteko. Izan ere, koronabirusaren kudeaketarengatik eskuin muturreko buruzagiari egin dizkioten kritikez gain, ezinegona sortu du nazioartean Amazonia soiltzeko egitasmoei eman dien bultzadak. Bere burua defendatzeko aukeraz baliatu da Bolsonaro, eta Amazoniaren inguruko «desinformazio kanpaina baten biktima» dela salatu du.
2020-9-23
https://www.berria.eus/albisteak/187274/aldundien-eta-udalen-defizita-handitzeko-baimena-eskatuko-du-jaurlaritzak.htm
Ekonomia
Aldundien eta udalen defizita handitzeko baimena eskatuko du Jaurlaritzak
2020. urtea «oso txarra» izango dela esan du Pedro Azpiazu Ekonomia sailburuak, nahiz eta abuztutik aurrera erakusle batzuek susperralditxo bat islatu duten
Aldundien eta udalen defizita handitzeko baimena eskatuko du Jaurlaritzak. 2020. urtea «oso txarra» izango dela esan du Pedro Azpiazu Ekonomia sailburuak, nahiz eta abuztutik aurrera erakusle batzuek susperralditxo bat islatu duten
Azken orduko aldaketarik ez bada egutegian, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak irailaren 30ean egingo dute bilera Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoan, eta, batzar horretan, aldundien eta udalen defizit maila handitzeko eskatuko dio Gasteizek Madrili. Horrela jakinarazi du Pedro Azpiazu Jaurlaritzako Ekonomia sailburuak Radio Euskadin. Zorpetze maila zenbat handituko den jakin gabe, Iñigo Urkulluren gobernuak ezin ditu aurrekontu orokorrak prestatu. Uztailean, gobernu biek hitzartu zuten %2,6koa izango dela Gasteizko gobernuaren defizita, eta hil honen hondarrean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioen eta udalen defizita negoziatzeko txanda izango da. Bide orri horretan, Euskal Finantzen Kontseilua iritsiko da ondoren, urriaren 15ean. Bilketaren emaitzak aztertuko dituzte diputazioek eta Jaurlaritzak. Konfinamendua aurrera zihoala, bilketak %20 inguruko jaitsiera izango duela aurreikusi zuten erakundeek, baina Azpiazuk esan du «zertxobait apalagoa» izango dela jaitsiera hori. «Keynesiarrak izan gaitezen» Gasteizko gobernuak defizitarekin orekatu nahi du zergen bilketaren uzkurtzea, eta defizit hori Europatik iristekoak diren funtsekin orekatzea espero du ondoren; baina sailburuak zehaztu du funts horiek uste baino gehiago atzeratzen ari direla. Edonola ere, Azpiazuk murrizketak baztertu ditu, sortzen ari den «desberditasuna» orekatu behar delako. Era berean, langile publikoen soldatak jaistea baztertu du. Baina «denen kolaborazioa» eskatu du, enpresa, eragile sozial, erakunde eta hiritarrena, aurrez aurre egokitu den egoera gainditzeko. Izan ere, ez du ezkutatu 2020. urtea «oso txarra» izango dela, nahiz eta abuztutik aurrera «erakusle batzuek» susperralditxo bat islatu duten. «Keynesiarrak izan gaitezen, eman diezaiogun hauspoa inbertsio publikoari. Zorraren kostua har dezakegu gure gain». Ostiral honetan, hazkundeari eta enpleguari buruzko aurreikuspen berriak jakinaraziko ditu Azpiazuk, eta jadanik ohartarazi du jaitsierak «oso garrantzitsuak» izango direla.
2020-9-23
https://www.berria.eus/albisteak/187275/aitatasun-baimena-hamalau-egunetik-28ra-luzatuko-du-frantziako-gobernuak.htm
Gizartea
Aitatasun baimena hamalau egunetik 28ra luzatuko du Frantziako Gobernuak
Neurria 2021eko uztailetik aurrera jarriko dute indarrean. Ikerketa baten arabera, orain ezarrita dauden hamalau egunak ez dira nahikoak aitaren eta haurraren arteko lotura bat sortzeko.
Aitatasun baimena hamalau egunetik 28ra luzatuko du Frantziako Gobernuak. Neurria 2021eko uztailetik aurrera jarriko dute indarrean. Ikerketa baten arabera, orain ezarrita dauden hamalau egunak ez dira nahikoak aitaren eta haurraren arteko lotura bat sortzeko.
Ipar Euskal Herrian 28 eguneko baimena eskatu ahal izango dute aita izaten direnek. Orain arte hamalau egunekoa zen epea, baina luzatzea erabaki du Frantziako Gobernuak, eta 2021eko uztailetik aurrera sartuko du indarrean lege berria. Emmanuel Macron presidenteak gaur iragarriko du erabakia, haurren babeserako zentro batera egingo duen bisitan. Neurri horrekin, «oinarritik» egin nahi du parekidetasunaren alde Parisko gobernuak. Aitatasun baimena ezarri zutenetik, 2002tik, lehen aldia da epea luzatuko dutela. Frantziako Gizarte Segurantzaren aurrekontuan txertatuko dute erreforma, datorren urtean. Gaur egun, gobernuak 260 milioi euro bideratzen ditu horretara; 2021ean 520 milioi izango dira, eta 2022an, 780 milioi. Ikerketa batzorde batek haur baten bizitzako lehen mila egunen inguruko ikerketa bat egin du, eta horrek bultzatu du Paris legea aldatzera. Boris Cyrulnik neuropsikiatrak zuzendutako ikerketa horren arabera, orain ezarrita dauden hamalau egunak ez dira nahikoak aitaren eta haurraren artean lotura bat sortzeko. Derrigorrezkoa? Hala, Frantziak «gaian aurreratuen dauden bost herrialdeen pelotoian» sartu nahi du, gobernuko iturriek adierazi dutenez: Espainia, Finlandia, Norbegia eta Portugal daude zerrenda horretan. Horretaz gain, gobernua aztertzen ari da baimenaren zati bat derrigorrezkoa izatea, eta langileak hartu nahi ez badu 7.500 euro arteko isunak jaso ahal izatea.
2020-9-23
https://www.berria.eus/albisteak/187276/nafarroako-ekonomiak-153-egin-zuen-atzera-apiriletik-ekainera.htm
Ekonomia
Nafarroako ekonomiak %15,3 egin zuen atzera apiriletik ekainera
Uztail amaieran aurreratutako datuekin alderatuta, hiru hamarren hobetu da datua, baina bigarren hiruhilekoko muturrekoa historikoa da.
Nafarroako ekonomiak %15,3 egin zuen atzera apiriletik ekainera. Uztail amaieran aurreratutako datuekin alderatuta, hiru hamarren hobetu da datua, baina bigarren hiruhilekoko muturrekoa historikoa da.
Konfinamenduak lorratz sakona utzi du jarduera ekonomikoan. Uztailaren 31n aurreratutako argazkiak jada agerian utzi zuen jipoiaren tamaina. Gaur, Nafarroako estatistika erakundeak behin betiko datuak eman ditu, eta horiek hiru hamarren hobetu badira ere, ondorioa berbera da. Apiriletik ekainera, barne produktu gordina %15,3 uzkurtu zen lehen hiruhilekoarekin alderatuta. Urtebete lehenagoko egoerarekin alderatuta, berriz, lorratza sakonagoa da, %18,5 erori baita. Urte arteko tasaren atzerakada handiagoa islatzen badu ere, egoera berezi honetan, hiruhileko batetik besterako aldaketek hobeto islatzen dituzte jarduera ekonomikoaren gorabeherak. Udako hilabeteetako datuak jakin zain, gaur argitaratutako datuak uztail amaieran jada aurreratutakoa berretsi besterik ez du egin, apurtxo bat hobetu arren. Antzera gertatu da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: iragan astean Eustatek aurreratutako datuen arabera, %16,4 jaitsi zen ekonomia itxialdian, eta, urte arteko tasa aintzat hartuta, %19,5. Eskaintzaren ikuspegitik, urte arteko tasari erreparatuta, sektore ekonomiko guztiek, merkatuan aritzen ez diren jarduerak izan ezik —estatistika erakundeen arabera, bertan biltzen diren familiei doan edo prezio oso merkean zerbitzua eskaintzen dieten jarduerak—. Aitzitik, merkatuko zerbitzuen sektorean, beherakada %22,9koa izan da, eta bertan sartzen dira konfinamendua gehien pairatu duten alorrak (ostalaritza, merkataritza edo garraioa). Industria, %23,9 atzera Industriak, berriz, %23,9 egin du atzera iazko epe berarekin alderatuta. Nafarroako fabrika nagusia geldi egon zen martxoaren 15etik apirilaren 27ra, eta apurka berreskuratu zuen jarduera —hiru txandetako produkzioarekin iragan abuztuaren 24an hasi zen—. Lehen sektorean, beherakada ez da hain handia izan. Herritarren elikagai beharrak lan eskerga egitera behartu ditu laborariak eta elikagai industria, eta jarduerak %2,2 egin du atzera, iazko egoerarekin alderatuta. Tamaina horretako hozkadak isla izan du ekonomiaren beste aldean ere, eskariarenean. Konfinamenduaren ondorioz, sendiek gutxiago kontsumitu dute, eta barne kontsumoak %16,4 egin du atzera, iazko datuekin alderatuta. Itxialdian eta ondorengo konfinamenduaren arintze prozesuan, sendiek gutxiago gastatu dute ondasun iraunkorretan —altzari, etxetresna eta halakoak— eta ostalaritzan, eta gehiago elikagaietan eta osasun produktuetan —maskarak eta hidrogelak, kasurako—. Ziurgabetasun egoera betean, enpresen inbertsioak nabarmen egin du atzera: %22,8 iazko datuekin alderatuta. Mugak itxita egonik, egoerak bete-betean eragin die nazioarteko merkatuko joan-etorriei. Nafarroako enpresen esportazioak %31,8 uzkurtu dira, iazko datuekin alderatuta; inportazioak, berriz, %28. Errentetan ere eragin du Errentei dagokienez, langileen soldatek %14,3 egin dute atzera. Autonomoen eta enpresaburuen irabaziak, oro har, %20,1 uzkurtu dira, estatistika erakundearen arabera. Bigarren hiruhilekoan, enpleguak %16,3 egin du behera. Estatistika erakundeak zehaztu du aldi baterako espedientean izan diren langileak okupatu gisa kontabilizatzen direla enplegu bulegoetan, baina Europako Kontabilitate Sistemaren arabera ez dira lanpostu gisa kontuan hartzen, eta horrek eragina du datuotan.
2020-9-23
https://www.berria.eus/albisteak/187277/hezkuntza-sailak-planifikazio-integralik-ez-duela-salatu-dute-sindikatuek.htm
Gizartea
Hezkuntza Sailak «planifikazio integralik» ez duela salatu dute sindikatuek
Ohartarazi dute «transmisio kasuak ugarituko» direla neurriak hartzen ez badira. Greba egunetik astebetera, adierazi dute ez dutela baztertzen beste mobilizaziorik egitea.
Hezkuntza Sailak «planifikazio integralik» ez duela salatu dute sindikatuek. Ohartarazi dute «transmisio kasuak ugarituko» direla neurriak hartzen ez badira. Greba egunetik astebetera, adierazi dute ez dutela baztertzen beste mobilizaziorik egitea.
ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuetako hezkuntza arloko ordezkariek agerraldi bat egingo dute Bilbon. Salatu dutenez, irailaren 15eko greba egun «arrakastatsua» izan zenetik astebete igaro den honetan, Hezkuntza Sailaren «berririk gabe» jarraitzen dute. Agerraldian, Miren Zubizarreta (ELA), Irati Tobar (LAB), Ana Perez (Steilas), Pablo Garcia de Vicuña (CCOO) eta Joseba Ander Muñoz (UGT) egon dira; izan ere, egoeraren analisian bat datoz hezkuntza arloan ordezkaritza duten sindikatu guztiak. Irailaren 15ean egindako grebaren balorazioa egin dute: esan dutenez, deialdiak «babes zabala» izan zuen, eta hezkuntza komunitatearen sostengua ere bereganatu zuen. Baina grebaren ingurumarian Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek elkarrizketaren alde egindako adierazpenak ez dira ezertan gauzatu, sindikatuek adierazitakoaren arabera: astebete baino gehiago igaro da, eta «sailaren berririk gabe» jarraitzen dute. “Ez daukagu solaskiderik, eta ez dira gurekin bildu ere egin». Horregatik, sindikatuek uste dute grebaren harira Hezkuntza Sialak eta Urkullu lehendakariak berak egindako adierazpenek «greba eta mobilizazioak ikusezin bihurtu eta desaktibatzeko ahaleginak» baino ez zirela izan. Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuek ere, helburu hori zuten, sindikatuen arabera. Greba egin zuten salatzeko heziketa zentroetan ez dagoela behar bezalako baliabiderik izurriaren erdian ikasturteari ekiteko, argudiatuta egoera honetan ez dagoela bermatzerik ikasleen eta irakasleen segurtasuna. Denborak arrazoia eman diela adierazi nahi izan dute agerraldian: «Eskoletan bakartutako gela kopurua gorantz doa, eta jadanik eskola barruko transmisio kasuak hasi dira azaleratzen». Sindikatuen ustez, egoerak erakusten du Hezkuntza Sailak ez duela «planifikazio integralik» egoerari aurre egiteko. «Argi esan nahi dugu: Hezkuntza Sailak neurriak hartu eta baliabideak jartzen ez baditu, transmisio kasuak ugarituko dira». ELAko Miren Zubizarretak eta LABeko Irati Tobarrek esan dutenez, azken aste honetan ugaldu dira «hezkuntza komunitatearen kezka eta haserrea eta Hezkuntza Sailaren arduragabekeria» salatzen duten ekinbideak: elkarretaratzeak, gurasoen protestak, kaleko mobilizazioak eta are zenbait eskolatako zuzendaritza taldeen dimisioak ere. Sindikatuen ustez, hori da bidea «Hezkuntza Sailak planifikazio integrala eta beharrezko baliabideak mahai gainean jar ditzan» lortzeko. Horregatik, urriaren 2an manifestazioak egingo dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen, 18:00etatik aurrera, «ikasturte seguru eta adostuaren alde». Sindikatuek ez dute baztertzen geroago bestelako protesta moldeak erabiltzeko aukera, ezta grebarena ere: «Astero-astero ari gara egoeraren bilakaera aztertzen, eta horren arabera hartuko ditugu erabakiak».
2020-9-23
https://www.berria.eus/albisteak/187278/12-urteko-kartzela-zigorra-bidarten-emaztea-hil-zuen-gizonarentzat.htm
Gizartea
12 urteko kartzela zigorra Bidarten emaztea hil zuen gizonarentzat
2018ko maiatzaren 2an hil zuen Rejane Chaumont senarrak. Atzo eta herenegun epaitu zuten gizona, Paueko auzitegian
12 urteko kartzela zigorra Bidarten emaztea hil zuen gizonarentzat. 2018ko maiatzaren 2an hil zuen Rejane Chaumont senarrak. Atzo eta herenegun epaitu zuten gizona, Paueko auzitegian
Frantziako Poliziaren aitzinean, egun hartan emazteak banantzeko «mehatxu egin» ziola adierazi zuen, baina Paueko auzitegiaren aitzinean ez zen halakorik aipatu izanaz oroitu Jean Delattre. 80 urteko gizonak emaztea hil zuen tiroz orain dela bi urte, eta bere buruaz beste egiten saiatu zen ondoren. Atzo eta herenegun, gertatutakoaz azalpenak emateko eskatu zioten behin eta berriz epaileak eta abokatuek, baina erantzun bakarra eman zuen gehienetan: «ez naiz oroitzen». 18 urteko kartzela zigorra eskatu zuen prokuradoreak gizonaren kontra; 12 urteko zigorra ematea erabaki du azkenean epaileak. Adineko bikote bat zen. 73 urte zituen Rejane Chaumontek, eta 79 haren senarrak, Jean Delattrek. Bidarten (Lapurdi) bizi ziren, Argizabal bidean. Familia kezkatuta zegoen, azken aldian «portaera arraroak» izan zituelako bikoteak, eta 2018ko maiatzaren 2 hartan kezka handitu zitzaien, eskuko telefonoan Jean Delattrek igorritako mezu artegagarriak jaso zituztelako. Suhia joan zen bikotearen etxera, eta atea ireki ziotenean gizona ikusi zuen, ehizarako eskopeta bat eskuetan zuela, eta emakumea, lurrean botata, hilda. Suhiak larrialdietara deitu zuen, eta suhiltzaile, mediku eta poliziak gerturatu ziren lekura. Gizona bere etxean itxi zen, ordea. Poliziek ingurua hesitu zuten, eta gizona konbentzitu zuten, hiru bat ordu geroago, eskopeta utzi zezan eta etxeko atea ireki zezan. Larrialdi zerbitzuak barrura sartu zirenerako, berandu zen: Rejane Chaumont hilotz zen. Gizona, berriz, emaztea hil ondoren bere buruaz beste egiten saiatu zen. Bihotzerako pilulak hartu zituen, eta kontua lausotuta zegoen poliziak etxera sartu zirenean. Ospitalera eraman zuten, eta hurrengo egunetan Baionako espetxean sartu zuten, epailearen aurrean deklaratu ondoren.
2020-9-23
https://www.berria.eus/albisteak/187279/salatu-dute-bilboko-ur-patzuergoak-hondakin-urak-isurtzen-dituela-itsasadarrera.htm
Gizartea
Salatu dute Bilboko Ur Patzuergoak hondakin urak isurtzen dituela itsasadarrera
Erandioko Getxoko auzo taldeen eta Eguzki eta Ekologistak Martxan elkarte ekologisten arabera, «azken urteetan ohiko bilakatu dira justifikaziorik gabeko isurketa horiek». Bainu garaian ere egin dituzte.
Salatu dute Bilboko Ur Patzuergoak hondakin urak isurtzen dituela itsasadarrera. Erandioko Getxoko auzo taldeen eta Eguzki eta Ekologistak Martxan elkarte ekologisten arabera, «azken urteetan ohiko bilakatu dira justifikaziorik gabeko isurketa horiek». Bainu garaian ere egin dituzte.
«Bilboko Ur Patzuergoak ur beltzak eta hondakin urak isurtzen ditu Bilboko itsasadarrera, inongo justifikaziorik gabe». Hori salatu dute gaur Erandioko Auzokideok eta Getxoko Auzokideok auzo taldeek, eta Eguzki eta Ekologistak Martxan elkarte ekologistek. Azaldu dute azken urteetan ohiko jarduna bilakatu dela, «osasun publikoan eta ingurumenean izugarrizko eragina duten arren». Zehazki, Galindoko Araztegiak azken hiru hilabeteetan bainu sasoian eginiko isurketak salatu dituzte. Argi utzi dute milaka metro kubiko hondakin-ur isuri dituztela itsasadarrera ekainean, uztailean eta abuztuan, «hori guztia, gainera, euriteen ondorioz garraio sareak izango lukeen asetasunik gertatu ez denean». Ez hori bakarrik: adierazi dute ur patzuergoak Lamiakon duen ponpaketa geltokitik ere astero isurtzen dituela ur beltzak. Oharra sinatu duten taldeen iritziz, egoera larria eta onartezina da, eta azalpenak emateko eskatu diote Bilboko Ur Patzuergoari eta URA Uraren Euskal Agentziari: «Arrazoiak, ondorioak eta, jakina, egoera horri lehenbailehen amaiera emateko ezarriko dituzten neurriak».
2020-9-23
https://www.berria.eus/albisteak/187280/zuzenbide-konstituzionaleko-sare-feministak-urkulluri-azalpenak-eskatu-dizkio-emakunderekin-hartutako-erabakiaz.htm
Gizartea
Zuzenbide Konstituzionaleko Sare Feministak Urkulluri azalpenak eskatu dizkio Emakunderekin hartutako erabakiaz
Elkarte horretako kideen ustez, «irregulartasun» bat egin dute erakundea Lehendakaritzatik kenduta, eta gutun batean adierazi diote ezinegona Eusko Jaurlaritzako lehendakariari
Zuzenbide Konstituzionaleko Sare Feministak Urkulluri azalpenak eskatu dizkio Emakunderekin hartutako erabakiaz. Elkarte horretako kideen ustez, «irregulartasun» bat egin dute erakundea Lehendakaritzatik kenduta, eta gutun batean adierazi diote ezinegona Eusko Jaurlaritzako lehendakariari
Emakunde Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren mendeko erakundea izan da beti; haren jardunak gobernuaren jardun osoan eragina izatea bilatu da horrela, baina legealdi berriarekin aldaketa etorri da, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiken Sailaren barruan sartu baitute orain. Aldaketa horrek ekarritako kritiken sokari ahots berri bat gehitu zaio: Zuzenbide Konstituzionaleko Sare Feministak gutun bat helarazi dio Iñigo Urkullu lehendakariari, galdetzeko zergatik hartu duen erabaki hori. Elkartean aldaketaren gaineko gogoetan jardun dutela esan dute, eta eman diren arrazoibideetan «konbentzitzeko modukorik» ez dutela entzun bat bera ere; are gehiago, beren gogoetetan ondorioztatu dute «irregulartasun» baten emaitza dela erabakia; izan ere, Emakunde sortu zenean ezarritako lege irizpideak eta EAEko Berdintasun Legea «apurtu» direla uste dute. «Argia da egin den irregulartasuna», azaldu dute; izan ere, orain aldaketa dekretu baten bidez hartu da, eta oroitarazi dute lege batean ezarritako irizpideak ezin direla apurtu horrela. Horren atzean «ezjakintasun juridikoa» egotea «pentsaezina» dela adierazi dute, eta zail dela horregatik zer «motibaziok» bultzatutako erabakia den asmatzea. Zuzenbide Konstituzionaleko irakasleen elkarte bat direla adierazi dute, «erreferentetzat» dutela Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde autonomikoek gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren inguruan igaro urteotan egin duten bidea, eta horregatik adierazi dutela, hain zuzen ere, gai honen inguruko «kezka». Gogora ekarri dute Emakunderen antolaketa eredua adibide goraipatua izan dela toki askotan, eta defendatu egin behar dela. Gutuna elkarteko presidente Mar Esquembrek izenpetu du. Erantzuna espero dutela esan du, eta gogoetarako bidea izan daitekeela erantzun horixe berdintasun politikak nola hobetu daitezkeen aztertzen jarraitzeko.
2020-9-23
https://www.berria.eus/albisteak/187281/lehen-aldiz-laurehun-kasuren-langa-gainditu-du-nafarroak.htm
Gizartea
Lehen aldiz, laurehun kasuren langa gainditu du Nafarroak
Beste 826 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian. Horietatik 421 Nafarroan detektatu dituzte. Positiboek goia jo dute lurralde horretan, eta hildako bat izan da. 497 lagun daude erietxean Hegoaldean: horietatik 81, ZIUetan.
Lehen aldiz, laurehun kasuren langa gainditu du Nafarroak. Beste 826 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian. Horietatik 421 Nafarroan detektatu dituzte. Positiboek goia jo dute lurralde horretan, eta hildako bat izan da. 497 lagun daude erietxean Hegoaldean: horietatik 81, ZIUetan.
Egun bakarrean 826 positibo atzeman dituzte Hegoaldean. Kopurua nabarmen handitu da bezperako datuekin alderatuta: bezperan 164 gutxiago detektatu zituzten; 662, zehazki. Lurraldeka, Nafarroan detektatu dituzte Hegoaldean atzemandakoen erdiak baino gehiago: 425 lagunek positibo eman dute lurralde horretan egindako PCR probetan. Nafarroan bigarren olatua hasi zenetik erregistratutako positibo kopururik handiena da; orain arte, kopurua ez da laurehunetik gorakoa izan. Gainontzeko lurraldeetan, Bizkaian 177 kasu atzeman dituzte; Gipuzkoan, 169; eta Araban, berriz, 51. Guztira, 13.210 PCR egin dituzte azken orduetan Hegoaldean. Nafarroako Gobernuko Santos Indurain Osasun kontseilariak jakinarazi duenez, azken egunean hildako bat izan da koronabirusaren ondorioz foru erkidegoan. 67 urteko gizonezko bat da hildakoa. Halaber, Eusko Jaurlaritzak azken astean koronabirusaren ondorioz hildakoen datuak eman ditu. Jakinarazi duenez, irailaren 14tik 20ra bitarteko astean, 62 pertsona hil dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Ospitaleratzeei dagokienez, 51 lagun sartu dituzte erietxean azken egunean. Oraintxe bertan, 497 lagun daude ospitaleratuta Hegoaldean, eta, horietatik, 81 gaixo ZIUetan daude, bezperan baino bat gehiago. Koronabirusak Euskal Herrian utzitako datuak sakonki ikusteko, jo ezazu BERRIAk webgunean sortutako atal berezira: Koronabirusaren azken datuak. Bertan jasota daude COVID-19ak Euskal Herrian duen eragina azaltzen duten grafikoak eta mapa interaktiboak.
2020-9-23
https://www.berria.eus/albisteak/187282/rodrigo-gartzia-izango-da-ertzaintzako-zuzendaria.htm
Politika
Rodrigo Gartzia izango da Ertzaintzako zuzendaria
Euskalduna da, eta euskalgintzan aritua: besteak beste, Azkue fundazioko eta zenbait ikastolatako zuzendari. Azken urteetan, Segurtasuneko koordinazio zuzendari izan da.
Rodrigo Gartzia izango da Ertzaintzako zuzendaria. Euskalduna da, eta euskalgintzan aritua: besteak beste, Azkue fundazioko eta zenbait ikastolatako zuzendari. Azken urteetan, Segurtasuneko koordinazio zuzendari izan da.
Aldaketak hasi dira Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailean. Rodrigo Gartzia izango da Ertzaintzako zuzendari berria, Lehendakaritzak jakinarazi duenez. Azken urteetan, Segurtasun Sailean aritu da Gartzia, koordinazio zuzendari. Ertzaintzaren zuzendaritza hartuko du orain. Gervasio Gabirondo ordezkatuko du. Gartziak ibilbide luzea egin du administrazioan. 1986an sartu zen, Hezkuntza Sailean, unibertsitateko irakasleen arduradun gisa, eta ondoren Osakidetzan izan zituen ardura postuak —besteak beste, idazkari nagusia izan zen—. 1998tik 2009ra, kontsumoaren arloan aritu zen: zuzendari lehenbizi, eta sailburuorde ondoren. 2009an, sozialistak Jaurlaritzara iristearekin batera, gobernutik irten zen Gartzia, eta euskalgintzan hasi zen lanean: Azkue fundazioko zuzendari izan zen 2009tik 2013ra arte. Teknologia berrien bidez euskararen erabilera sustatzeko helburua du fundazio horrek, eta hainbat erakunderen babesa du: Bizkaiko Foru Aldundiarena, Bilboko Udalarena, Euskaltzaindiarena, EHUrena eta Deustuko Unibertsitatearena. Aurretik ere, 1980ko hamarkadan, euskalgintzan aritu zen Gartzia: besteak beste, zuzendari izan zen Ermuko Anaitasuna ikastolan, Donostiako Axular lizeoan eta Eibarko Mogel ikastolan. Irakasle ikasketak egin zituen EHUn, eta Filosofia eta Letretako lizentziaduna ere bada.
2020-9-23
https://www.berria.eus/albisteak/187283/mugak-gogortu-eta-kanporatzeak-azkartuko-ditu-europako-batasunak.htm
Mundua
Mugak gogortu eta kanporatzeak azkartuko ditu Europako Batasunak
Bruselak alde batera utzi ditu migratzaileak hartzeko kuotak, eta, aldiz, «elkartasun malgua» eta hirugarren herrialdeekiko akordioak proposatu ditu.
Mugak gogortu eta kanporatzeak azkartuko ditu Europako Batasunak. Bruselak alde batera utzi ditu migratzaileak hartzeko kuotak, eta, aldiz, «elkartasun malgua» eta hirugarren herrialdeekiko akordioak proposatu ditu.
Atzera egin du Europako Batzordeak, eta amore eman du Polonia, Hungaria eta Austriaren protesten aurrean. Gaur aurkeztu duten egitasmoak aurrera egiten badu, estatu kideek ez dute migratzaileak hartzeko kuotarik izango, eta, horren ordez, Mediterraneoko estatuekiko «elkartasuna» eskatu diete agintariei. Horretarako, borondatezkoak izango diren «ekarpen malguak» egin ahal izango dituzte herrialdeek. Proposamenaren arabera, herrialde batek ezin dionean gehiago eutsi «migratzaileen etorrerak eragindako egoerari», beste estatu kideei «elkartasunez» jokatzea eskatuko zaie iheslarietako batzuk euren herrialdeetan hartuz edo errefuxiatu estatusa lortzen ez dutenen kanporatzean lagunduz. «Kanporatze babestuak» lirateke horiek. Egitasmoak aurreikusten ditu estatu kidei «elkartasuna» eskatuko litzaiekeen hainbat agertoki. Esaterako, itsasoan erreskatatu eta asiloa eskatzen duten migratzaileak lekualdatzeko garaian horiek hartzeko aukera ez ezik, haien beharrak aseta daudela bermatzeko «zuzenketa mekanismoak» ere egongo lirateke. Bestetik, krisi egoera batean, asilo eskubidea duten errefuxiatuak ez ezik, mugan paperik gabe daudenak ere jaso beharko lituzkete herrialdeek. Asiloa ukatzen zaien migratzaileen kanporatzeak azkartzea ere aipatu du Batzordeak, eta Europako Batasuneko kanpo mugak are gehiago ixtea. Azken puntu hori bermatzeko, inbertsio handiagoak egingo dituzte mugak zaintzeko sortutako Frontex patruiletan. Proposamenak ez du aurreikusten, hala ere, Dublingo Ituna bertan behera geratzea. Akordio horren arabera, migratzaileek heltzen diren lehen herrialdean eskatu behar dute asiloa, eta, hark ukatuz gero, kanporatuak izango dira. Europako Batzordeko buru Ursula Von der Leyenek iragarri zuen joan den astean hitzarmena bertan behera utziko lukeela Bruselaren proposamen berriak, baina, gaur-gaurkoz, hark indarrean jarraituko luke, eta, ondorioz, Mediterraneoko herrialdeen erantzukizuna litzateke asilo eskaera gehienei erantzutea. «Azkarragoa eta bidezkoagoa» Europako Barne gaietarako komisario Ylva Johanssonen esanetan, prozedura berrien bidez asilo eskatzaileek ez dute «linbo batean egon beharko». Haren iritziz, erreformak prozedura «azkarrago, argiago eta bidezkoagoak» bermatuko ditu. Horretarako, hirugarren herrialdeekiko akordioak indartu eta berritzearen alde egingo du Bruselak. Migrazio politiketako arduradun Margaritis Schinasek ere defendatu egin du egitasmoa: «Estatu kide bakoitzak desberdin bizi du migrazioa, eta erronka desberdinak ditu; guztiak dira ulergarriak eta defendatu beharrekoak. Lehen lerroan dauden estatuek eskatzen duten elkartasuna eta bigarrenean daudenek galdegiten duten erantzukizuna jasotzen ditu proposamenak». Orain, Batzordeak herrialdeekin eztabaidatu beharko du proposamena. Horien artean hiru dira jarrera nagusiak. Mediterraneoarekin muga egiten dutenak kexu dira euren gain geratzen delako migratzaileak hartu eta haien eskariak kudeatzeko lana; kuoten aldekoak dira horiek. Aldiz, beste muturrean leudeke arrazoi ekonomikoak argudiatuta migratzaileak hartzeari uko egin diotenak, are gehiago kuota itxiei. Tartean, berriz, Frantzia eta Alemania, besteak beste; zeintzuek Moriako azken krisiaren ostean mila iheslari inguru hartu baitituzte, baina EBren kanpo mugak babestearen alde baitaude hasieratik. Proposamenarekin oso kritiko agertu dira gobernuz kanpoko erakundeak, eta asilo eskatzaileak babesik gabe uztea egotzi diote Bruselari. «Akordioa lortzeko ahaleginean, Europak amore eman die EBko errefuxiatu kopurua murriztea helburu duten herrialdeei», salatu du Oxfameko Europarako arduradun Marissa Ryanek. Hark ohartarazi du egitasmo berriak atxilotze zentroak ugaritzea ekarriko duela, eta gaitzetsi herrialdeei kanporatzeak «babesteko» aukera ematea, migratzaileak hartzea sustatu beharrean.
2020-9-23
https://www.berria.eus/albisteak/187284/espainia-datorren-astean-hasiko-da-preso-dauden-politikari-katalanen-indultuak-tramitatzen.htm
Mundua
Espainia datorren astean hasiko da preso dauden politikari katalanen indultuak tramitatzen
Juan Carlos Campo Justizia ministroak eman du berria, Kongresuko gobernuaren kontrol saioan
Espainia datorren astean hasiko da preso dauden politikari katalanen indultuak tramitatzen. Juan Carlos Campo Justizia ministroak eman du berria, Kongresuko gobernuaren kontrol saioan
Espainiak gaur iragarri du datorren astean hasiko dela preso dauden politikari katalanen indultuak tramitatzen. Juan Carlos Campo Justizia ministroak eman du berria, Kongresuko gobernuaren kontrol saioan, Laura Borras JxCat Junts Per Catalunyaren bozeramaileak eginiko galdera bati erantzunez: “Hori da tokatzen dena”, argitu du. Francisco Jufresa abokatuak iazko abenduan hamabi buruzagi independentistentzat aurkeztutako indultu eskaera du mahai gainean Pedro Sanchezen gobernuak. Horrez gainera, Zigor Kodea aldatzeko asmoa dutela ere adierazi du, egungo errealitate sozialera eta beste herrialde batzuetako araudira egokitzeko, tartean matxinada eta sedizio delituak. Ondoren, Borrasek hedabideei egindako adierazpenetan ohartarazi du indultuak "banakako irtenbidea" direla, eta haien apustua amnistia dela. Neurri horrek gatazkari politikatik heltzea ekarriko lukeela esan du, eta hor “ez dutela ikusten gobernua”. Indultuaren tramitazioa prozesu luzea da. Justizia ministerioaren arabera, lau eta sei hilabete artean iraungo du. Lehenik, auzitegi epai emaileari bidaliko zaio eskaera, kasu honetan Auzitegi Gorenari, txosten bat egin dezan. Ondoren, alde guztiak entzun behar dira, fiskaltza barne. Gogorarazi dute, gainera, 2019an ministerioak eskatutako indultuen % 1 baino gutxiago onartu zituela. Guztira, 4.162 espediente ebatzi ziren; horietatik 4.123 ukatu ziren, eta 39 baino ez ziren onartu. Independentismoak argi utzi du indultua ez dela preso politikoen askatasuna lortzeko biderik aproposena. ERCk, JxCatek, ANCek, Omiumek eta CUPek amnistia eskatu dute.
2020-9-23
https://www.berria.eus/albisteak/187285/ireki-dituzte-berriz-eiffel-dorrea-eta-inguruak.htm
Mundua
Ireki dituzte berriz Eiffel dorrea eta inguruak
Frantziako Poliziak eraikina hustu du eguerdian, dei anonimo bat jaso ostean.
Ireki dituzte berriz Eiffel dorrea eta inguruak. Frantziako Poliziak eraikina hustu du eguerdian, dei anonimo bat jaso ostean.
Gaur goizeko 12:15etan ebakuatu egin behar izan dute Eiffel dorrea, Parisko eraikinik ospetsuena. Frantziako Poliziak dei anonimo bat jaso du, bonba abisu bat, eta, badaezpada ere, dorrea eta inguruak hustea erabaki dute. Bi ordu geroago, ordea, berriz ireki dute, beharrezko egiaztapenak egin ostean. Probak egin bitartean, segurtasun perimetro bat jarri dute. Inor ezin da gerturatu oinez, eta inguruko trafikoa ere moztu dute. Aurten jaso duten lehen bonba abisua izan da. Hainbat hedabidek azaldu dutenez, pertsona batek «Allahu akbar» (Ala handia da) oihukatu du, eta dena lehertzearekin mehatxatu ere bai. Monumentuak milioika bisitari izaten ditu urtero, eta nahiko ohikoak izaten dira mehatxuak: bere buruaz beste egiten dutenenak, greba egiten dutenenak edo, gaur bezala, bonba abisuak. Koronabirusaren ondorioz, martxoaren 13an itxi zuten Eiffel dorrea, eta 104 egun itxita egon ostean zabaldu. Bigarren Mundu Gerratik itxita denbora gehien eman duen aldia izan da.
2020-9-23
https://www.berria.eus/albisteak/187286/alardea-telesaila-urriaren-7an-estreinatuko-dute-etb1en.htm
Bizigiro
'Alardea' telesaila urriaren 7an estreinatuko dute, ETB1en
Lau atal izango ditu, eta fikziozko herri batean emakume talde batek alardean ateratzeko egiten duten borrokan oinarritzen da. Aurrestreinaldia egingo dute gaurko EITBren galan.
'Alardea' telesaila urriaren 7an estreinatuko dute, ETB1en. Lau atal izango ditu, eta fikziozko herri batean emakume talde batek alardean ateratzeko egiten duten borrokan oinarritzen da. Aurrestreinaldia egingo dute gaurko EITBren galan.
Fikzio sozialaren aldeko apustua egingo du aurtengo denboraldian ETBk, Edu Barinaga telebistako zuzendariak gaur goizean azaldu duenez. Horren lekuko, urriaren 7an botatzen hasiko diren Alardea telesaila izan liteke. Hondarribiko eta Irungo (Gipuzkoa) alardeetan “libreki inspiratutako” istorio bat kontatuko da bertan: emakume talde batek fikziozko herri bateko desfile tradizionalean ateratzeko nahia azalduko du eta horrek herrian sortuko duen gatazka kontatuko da. David Perez Sañudok zuzendu du lau ataleko telesaila, eta, esan duenez, “istorio feminista bat” denez, ardura handiz errodatu du. Telesailean, batetik, herri txikietan egiten den presio soziala aipatzen da, eta, bestetik, gizonek duten errekonozimendu eta ikusgarritasuna lortzeko emakumeek egiten duten borroka. “Txikitik kontatutako istorio bat da, baina unibertsala ere bada era berean”. Entretenimendutik asko duela azaldu du Perezek, baina “ikaskuntzatik ere asko dauka”. Bidasoko bi herrietan erro sakonak dituen gatazka da alardearena, eta, telesaila bertan nola ikusiko den galdetzean, Barinagak horrela erantzun du: “Ikusminez ikusiko dela pentsatzen dut; gaiari buruz hitz egingo du, eta aurrera egiteko balio dezala espero dugu”. Urriaren 7an estreinatuko da telesaila ETB1en, baina lehen bi atalak aurrez ikusteko aukera izango da gaur iluntzean Donostiako Zinemaldian egingo den EITBren galan. Beste bi telesail Aurtengo denboraldian, ETB1en beste bi telesail ere botako dituzte: Hondar ahoa eta Altsasu. Lehenengoa herri txiki batean girotutako thriller bat da, eta bestea Altsasuko (Nafarroa) gazteekin gertatutakoan oinarritzen da. Ez Koska tabernan guardia zibilekin izandako liskarrean, baizik eta ondorengo epaiketen eraginez gazte taldean zer eragin izango duen kontatuko du telesailak.
2020-9-23
https://www.berria.eus/albisteak/187287/arabako-hegazkingintzako-langileek-manifestazioa-egingo-dute-larunbatean-gasteizen.htm
Ekonomia
Arabako hegazkingintzako langileek manifestazioa egingo dute larunbatean Gasteizen
Aernnovako, Alestiseko eta beste dozena erdi enpresatako langile batzordeek deitu dute mobilizaziora. Zuzeneko 1.400 langile eta zeharkako 8.000 inguru ditu sektoreak lurraldean.
Arabako hegazkingintzako langileek manifestazioa egingo dute larunbatean Gasteizen. Aernnovako, Alestiseko eta beste dozena erdi enpresatako langile batzordeek deitu dute mobilizaziora. Zuzeneko 1.400 langile eta zeharkako 8.000 inguru ditu sektoreak lurraldean.
Aeronautikaren sektorea ataka estuan da koronabirusaren krisiak hegazkinak lurrean utzi zituenetik. Hegazkingintzako enpresa erraldoiek ez dute eskaerarik, eta krisiari aurre egiteko milaka langile kaleratuko zituztela iragarri zuten uda hasieran. Bada, erabaki horrek ondorio zuzenak izan ditu euskal enpresetan ere. Araban daude enpresa horietako batzuk, eta, sektorearen egoera dela eta, manifestazio bateratu batera deitu dute larunbaterako, Gasteizen. «Enpresa bakoitzaren dinamikez gain, borroka eta mobilizazioak egin behar ditugula sinetsita, manifestazio handi honetan bat egin nahi izan dugu. Gure indarrak batu, elkar defendatzeko eta aurrera jarraitzeko», azaldu du Juan Carlos Gomezek, Aernnovako langile batzordeko lehendakariak. Aernnovaz gain, deialdiarekin bat egin dute Alestiseko, Fibertecniceko, Burulaneko, Gmpasako, Meltralteceko eta Feliu&Madinabeitiako langile batzordeek ere. Hegazkingintzaren sektoreak pisu nabarmena du Arabako ekonomian: 1.400 lanpostu zuzen eta zeharkako 8.000 inguru ditu. Baina etorkizun iluna dute horietako askok, langileak kaleratuko dituztela iragarri baitute gehienek. Badira, halaber, aldi baterako erregulazioan direnak ere, baina, sektoreko ziurgabetasunaren ondorioz, beldur dira behin laguntza horiek amaitutakoan ez ote dituzten lan erregulazioak deituko. Langileek salatu dute sektoreak «etekin handiak» pilatu dituela azken urteetan –zehazki, Arabako enpresek 540.000.000 euroren irabaziak izan zituzten 2018an–, eta, bien bitartean, erakundeek laguntza ugari eman dizkietela enpresei. «Hala ere, langileak kaleratu dira, lan karga penintsularen erdialdera eta hegoaldera desbideratu da, ekoizpenaren zati handi bat beste herrialde batzuetara eraman da, eta erakundeek ez dute ezer egin», gaitzetsi du Gomezek. Horiek horrela, langile batzordeetako ordezkariek ohar zuzena egin diete erakundeei, eta eskatu diete industria politika serioa garatzeko, egoeraren ondorioak langileek ordain ez ditzaten. «Bada garaia konpromisoak hartzeko, eta honelako sektore estrategiko baten aldeko apustua egiteko». «Epe laburreko ikuspegia» Aernnova, Alestis, Aciturri... asko dira langileak kaleratuko dituztela jakinarazi duten enpresak. Gaur-gaurkoz, Aernnovak 450 behargin ditu Berantevillako plantan, eta enpresak %20 inguru kaleratuko zituela iragarri zuen. Aciturrik beste 214 kaleratze egingo ditu Espainian dituen lau fabriketan –Berantevillan du horietako bat–, eta beste 87 dira Alestisen – Arabako bere adarrean– lana galtzeko bidean dauden beharginak, Miñaoko parke teknologikoko plantan, hain zuzen. Gomezek salatu du enpresek «epe laburreko ikuspegia» baino ez dutela, eta horrela ezinezkoa dela egoerari buelta ematea. «Hau ez da kaleratzeekin konpontzen, baizik eta epe ertain eta luzera begirako politika industrialarekin». Eta azpimarratu du ez lan baldintzek, ez enpleguek ez dutela eragin egun duten egoera, eta, beraz, ezin direla irtenbidearen parte izan: «Lana banatu behar inor atzean utzi gabe». Larunbateko manifestazioan parte hartzeko deia egin diete herritarrei. 12:00etan hasiko da, Urrezko Zeledonen plazatik, eta, hiriko kaleak zeharkatu ondoren, Foruen plazan amaituko da. «Egoera honi erantzun bateratua eman behar diogu, eta erantzukizun kolektiboz jokatu behar dugu enplegua eta gure eskubideak defendatzeko».
2020-9-23
https://www.berria.eus/albisteak/187288/baikoko-pilotariek-laguntza-eskatu-diete-erakunde-publikoei.htm
Kirola
Baikoko pilotariek laguntza eskatu diete erakunde publikoei
Agiriaren sinatzaileek diote enpresak ez diela ezer esan aurreko astean egin zizkioten eskaerez, eta Jose Ramon Garai zuzendari nagusiaren jarrerak, "aldatu beharrean, orain arteko bide autoritario beretik" jarraitzen duela.
Baikoko pilotariek laguntza eskatu diete erakunde publikoei. Agiriaren sinatzaileek diote enpresak ez diela ezer esan aurreko astean egin zizkioten eskaerez, eta Jose Ramon Garai zuzendari nagusiaren jarrerak, "aldatu beharrean, orain arteko bide autoritario beretik" jarraitzen duela.
Soka tenkatuz doa Baikoko pilotarien eta enpresaren artean. Joan den astean, pilotari gehien-gehienek agerraldi batean enpresari eskatu zioten azkenaldian izandako jarrera alda zezala. Hori egin ezean, prest azaldu diren mobilizazioren bat egiteko. Bada, astebete pasatu da ordutik, eta sinatzaileek azaldu dutenez —Aimar Olaizolak, Mikel Urrutikoetxeak eta Ander Imazek ez beste, enpresako pilotari guztiek—, bi erantzun jaso dituzte enpresaren aldetik: "Lehenengoa, erabateko isiltasuna, portaera aldatuko ez duela agerian utziz, ez kirol arloan, ezta tratu pertsonalean ere; eta bigarrena, gure lankide batekin, Unai Lasorekin, kontratu berri bat negoziatzeko borondaterik eza. Ulergaitza, pilotari hori, denboraldi berria hasi zenetik, txapelketa ofizialetan gure enpresako pilotaririk onena izan denean (hirugarren postua lau eta erdiko txapelketan, eta, gaur egun, binakako txapelketako finalerdietan)". Sinatzaileen arabera, Jose Ramon Garai Baikoko zuzendari nagusiaren jarrerak, "aldatu beharrean, orain arteko bide autoritario beretik" jarraitzen du. "Pilotariok erabat babesgabe sentitzen gara jarrera diktatorial honen aurrean", diote. Horregatik, "Eusko Jaurlaritzari, Bizkaiko Foru Aldundiari, EITBri eta haien kirolarekin elkarlanean diharduten gainerako erakunde publikoei auzia bideratzen eta aldatzen laguntzeko" eskatu diete. "Guk pilotan jokatzen jarraitu eta hainbeste maite dugun kirol hau defendatu nahi dugu, baina gutxieneko tratu duina jasoz, Jose Ramon Garai zuzendari nagusiaren eskutik orain jasotzen ez dugun hori". Sinatzaileek espero dute "hau guztia laster aldatzea; guztion onerako, baina, batez ere, gure kirolaren onerako".
2020-9-23
https://www.berria.eus/albisteak/187289/laquojustizian-oinarritutako-konponbide-batraquo-eskatu-du-etxerat-ek-esnal-parot-eta-haranbururentzat.htm
Politika
«Justizian oinarritutako konponbide bat» eskatu du Etxerat-ek Esnal, Parot eta Haranbururentzat
Frantziaren «jarrera blokeatzailea» salatu du elkarteak, eta nabarmendu du pandemiaren erdian euskal presoek bizi duten egoera okertu dela. Irailaren 25ean Donibane Lohizunen (Lapurdi) eginen duten mobilizazioan parte hartzera deitu du.
«Justizian oinarritutako konponbide bat» eskatu du Etxerat-ek Esnal, Parot eta Haranbururentzat. Frantziaren «jarrera blokeatzailea» salatu du elkarteak, eta nabarmendu du pandemiaren erdian euskal presoek bizi duten egoera okertu dela. Irailaren 25ean Donibane Lohizunen (Lapurdi) eginen duten mobilizazioan parte hartzera deitu du.
Etxerat elkarteak «arrangura» agertu du euskal presoek bizi duten egoeraren aitzinean. Bereziki azpimarratu du Jakes Esnal, Jon Kepa Parot eta Frederic Haranburu Xistor presoen egoera «gordina». Oroitarazi du legeak baldintzapean aske geratzeko aipatzen dituen irizpideak aspaldi beteak dituztela, eta azken auzietan lehen instantziako epaileek askatasun horren alde egin dutela. «Baina fiskaltza antiterroristak duen blokeo sistematikoaren joera konponbiderako oztopo da». Etxerat-en hitzetan, fiskaltzaren jarrerak ez du soilik presoengan eragiten; senitartekoek bizi behar duten errealitatea «gogortu eta estutu» ere egiten du. «30 urte baino gehiago dira Jakes, Xistor eta Ion Keparen senitartekoek espetxetara bidaiatzen dutela, esperantzarako helduleku gutxirekin egonik eta, aurrera begira, amaiera datarik ikusi gabe. Senideak ere bizi osoko zigor batera kondenatuak izan dira», deitoratu du. Presoen senideek salatu dute «humanoki, politikoki eta sozialki onartezina» dela muturreko egoera hau sostengatzea. «Xantaian eta mendekuan oinarritzen ez diren soluzioak nahi ditugu; justizian oinarritutako konponbideak nahi ditugu». Halaber, pandemiaren erdian presoen eta haien senideen arteko harreman afektibo eta familiarra mantentzea «are konplikatuagoa» bilakatu dela ohartarazi dute. «Espetxeek aurreikusten dituzten neurriak bakartzea eta isolamendua dira kutsatze kasu baten aurrean. Barruan egingo luketen jarraipenaren kudeaketa ezbaian jartzen dugu, eta, ohiko legez, presoak eta senitartekoak dira galtzaileak». Horregatik, eskatu dute askatasun bide ezberdinei oztoporik ez jartzeko eta larriki eri diren presoak berehala askatzeko. Laguntzen apaltzea Bi informazio eman ditu Etxerat-ek. Batetik, Adeline Hazanek uztailean postua utzi zuenetik Frantziak ez duela presondegien ikuskatzailerik izendatu, eta, bestetik, OIP Presondegien Nazioarteko Behatokiak bere laguntzen bi herenak galdu dituela azken urteetan. «Eskubide urraketak salatu eta kudeatzen dituzten tresnak diskretuki desagertzen ari dira. Larria iruditzen zaigu xede hori izanez gero». Egoera horren aurka mobilizatzeak «berebiziko garrantzia» duela azpimarratu du Etxerat-ek, eta eskertu egin du larunbatean bakegileek Baionan egindako ekintza. Era berean, Esnal, Haranburu eta Parot askatzeko ostiralean Donibane Lohizunen (Lapurdi) eginen den protestan parte hartzera deitu dute. Bakegileek deitu dute mobilizaziora, 19:00etarako, Luis XIV.aren plazan, 30 urte aski da! lelopean.
2020-9-23
https://www.berria.eus/albisteak/187290/ane-santesteban-mitcheltonen-ariko-da-hurrengo-sasoian.htm
Kirola
Ane Santesteban Mitcheltonen ariko da hurrengo sasoian
Errenteriako txirrindularia pozik azaldu da fitxaketarekin. "Urrats bat da nire kirol ibilbidean. Ilusio handia daukat", adierazi du.
Ane Santesteban Mitcheltonen ariko da hurrengo sasoian. Errenteriako txirrindularia pozik azaldu da fitxaketarekin. "Urrats bat da nire kirol ibilbidean. Ilusio handia daukat", adierazi du.
Ane Santestebanek Mitchelton Scott taldean korrituko du datorren sasoian. Errenteriako txirrindularia Palermon da, Italian, Munduko Txapelketako errepideko proban parte hartuko baitu larunbatean, eta sare sozialen bidez eman dute albistearen berri bai berak, bai taldeak. Argi du zein den helburua: hazten segitzea eta Amanda Spartt taldeko lider berriari laguntzea. Izan ere, Annemiek Van Vleuten, taldeko orain arteko izarra, Movistarren ariko da datorren sasoian. "Oso pozik nago. Deitu nindutenean, ezin nuen sinetsi. Azken denboraldietan haziz joan naizela uste dut, eta bide horretatik jarraitu nahi dut. Zoriontsu izan nahi dut talde berrian, eta nire onena eman. Izan ere, oso baikorra naiz", adierazi du Santestebanek. Spratten inguruan ere mintzatu da. "Oso txirrindulari ona da; Munduko Txapelketetan beti amaitzen du dominaren bat irabazten, eta Giroan ere oso ondo ibili da. Multzo indartsua du taldeak, eta guztiengandik ikasi nahi dut. Ilusio handia daukat. Urrats bat da nire kirol ibilbidean". Martin Vestby taldeko zuzendaria ere gustura da Santestebanen fitxaketarekin. "Mendian ondo moldatzen den talde bat osatu nahi dugu datorren denboraldirako, Giroari eta Ardeetako klasikoei begira, batez ere. Spratt, Kennedy eta Williamsentzat osagarri perfektua da Santesteban".
2020-9-23
https://www.berria.eus/albisteak/187291/janari-banatzaileak-ez-direla-autonomoak-berretsi-du-espainiako-auzitegi-gorenak.htm
Ekonomia
Janari banatzaileak ez direla autonomoak berretsi du Espainiako Auzitegi Gorenak
Espainiako Gobernuak aurki aurkeztu nahi du bizikletako banatzaileei buruzko legedi berria
Janari banatzaileak ez direla autonomoak berretsi du Espainiako Auzitegi Gorenak. Espainiako Gobernuak aurki aurkeztu nahi du bizikletako banatzaileei buruzko legedi berria
Etxez etxeko janari banatzaileak, rider ere deitutakoak, autonomo faltsuak direla berretsi du Espainiako Auzitegi Gorenak. Glovori dagokion epai batean, auzitegi horrek ebatzi du konpainia horrek kalte-ordaina eman behar diola 2017an kaleratutako langile bati. Glovok argudiatu zuen ez zuela langilea kontratatu eta, beste banatzaileak bezala, autonomo gisa ari zela harentzat lanean. Kataluniako Auzitegi Nagusiak, ordea, esan zuen langilea autonomo faltsua zela, eta ebazpen hori bere egin du Auzitegi Gorenak: «Banatzaile baten eta Glovoren artekoa lan harremana da». Gainera, ezeztatu egin du enpresaren argudio nagusia, jatetxeen eta banatzaileen arteko bitartekari hutsa dela. Gaiari buruzko erabaki kontrajarriak hartu dituzte epaitegiek, baina Gorenaren epaiak balio beharko luke desadostasunak ezabatzeko eta doktrina bateratzeko. Edonola ere, Espainiako Gobernua legegai bat lantzen ari da banatzaileen lan egoera argitzeko. Testua oso aurreratua dagoela esan berri du Yolanda Diaz Lan ministroak. Glovok esan du epaileen erabakiak errespetatzen dituela, eta eskatu du, Espainian ez ezik, Europan ere araudiak «argitzeko», bere ereduaren aldeko epaiak egon badaudelako.
2020-9-23
https://www.berria.eus/albisteak/187292/32-ikasgela-itxi-dituzte-egun-bakarrean-hego-euskal-herrian.htm
Gizartea
32 ikasgela itxi dituzte egun bakarrean Hego Euskal Herrian
Ikasturtea hasi zenetik, 364 ikasgela daude itxita Hegoaldean. Guztira 231 ikastetxetan izan dira itxiera horiek.
32 ikasgela itxi dituzte egun bakarrean Hego Euskal Herrian. Ikasturtea hasi zenetik, 364 ikasgela daude itxita Hegoaldean. Guztira 231 ikastetxetan izan dira itxiera horiek.
Ikasturtea hasi zenetik, koronabirusaren hedapena nabarmen handitu da ikastetxeetan, eta ikasgelen itxierek ez dute etenik. Hego Euskal Herrian, egun bakarrean 32 ikasgela itxi dituzte, positibo kasuak atzeman dituztela eta. Gehienak Nafarroan itxi dituzte, 24. Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, zortzi. Orotara, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, 364 ikasgela daude itxita Hegoaldean. Nafarroan 96 daude itxita, eta 268 gainerako hiru lurraldeetan. Datuak gehiago xehatuta, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako datuei dagokienez, Jaurlaritzak aditzera eman duenez, Haur Hezkuntzatik hasi eta Batxilergo edota Lanbide Heziketara arteko 17.554 ikasgelen %1,52 dago itxita, eta 172 ikastetxetan dute eragina, atzo baino hamar gehiago. Nafarroan, aldiz, gobernuaren arabera, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako 1.973 ikasle daude itxialdian, hots, ikasle kopuru osoaren %3,21, eta 59 ikastetxetan atzeman dute positibo kasuren bat. Bestalde, 1.508 gazte ikasgeletara itzuli dira, hamar eguneko berrogeialdia egin ostean. Ipar Euskal Herriko daturik ez dago, baina bada itxierarik. Atzo, esaterako, Miarritzeko eskola bat itxi zuten, irakasle batek PCR testean positibo eman zuela eta.
2020-9-23
https://www.berria.eus/albisteak/187293/pandemiak-egoera-zaildu-du-hendaiako-atxikitze-zentroan.htm
Gizartea
Pandemiak egoera zaildu du Hendaiako atxikitze zentroan
2019. urtean 355 migratzaile pasatu ziren Hendaiako atxikitze zentrotik. Pandemiak egoera gogortu die bertan diren migratzaileei .
Pandemiak egoera zaildu du Hendaiako atxikitze zentroan. 2019. urtean 355 migratzaile pasatu ziren Hendaiako atxikitze zentrotik. Pandemiak egoera gogortu die bertan diren migratzaileei .
Urtero ematen ditu migrazioari buruzko datuak Cimade elkarteak, baina 2019ko datuek badute berezitasun bat: 2019ko urtarrilaren lehenetik, atxikitze epea luzatzea erabaki zuen Frantziako Gobernuak, 45 egunetik 90 egunera. Maite Etxeberri Cimade elkarteko langilea da, eta Hendaiako (Lapurdi) atxikitze zentroan egiten du lan, paperik gabekoei kontseilu juridikoak ematen. «Atxikitze zentroan egoteko epea, berez, kanporaketa bidaia prestatzeko epea da. Lehen, 45 egunekoa zen, eta orain, 90 egunekoa. 2019an, atxiloketa gehiago gertatu dira, baina kanporatze gehiago ez. Epea luzatu dute, baina argi da debalde dela, ez baitute lortzen kanporatzen». 90 eguneko epea gaindituta, Frantziako Administrazioa behartua da pertsona askatzera; baina Frantziako Poliziak berriz kontrolatzen badu, berriz sar dezakete atxikitze zentrora. 2020. urteko daturik ez dute eman oraindik, baina «urte zaila» izan da Cimade elkartearentzat. Pandemian, Hendaiako atxikitze zentroa hetsi zuten; alta, prozedura zenbait ez dira bertan behera gelditu, eta hainbat auzi saio modu telematikoan egin dituzte. «Arazo bat sortzen du horrek, eta botereen bereizketa zalantzan ezartzen ditu, Polizia eta Justizia nahasten ahal direlako», salatu du Julie Aufore Cimadeko langileak. Izan ere, atxilotze zentrotik egiten zituzten bideokonferentziak, hain justu, Poliziak kudeatzen duen egituran. Zentroa ekainean ireki zuten berriz, baina pertsona gutxiagorentzat. Berez, 24 leku ditu zentroak, eta hamabi lekura mugatu zuten udan. Iragan astetik, ordea, hamasei pertsona hartzen ahal dituzte. Maite Etxeberri: «Arazo sanitario bat da. Hamabi gela badira gizonentzat; beraz, batzuek binaka lo egin behar dute. Emazteentzako diren sei lekuak iritsi berri diren gizonentzako baliatzen dituzte, medikuaren azterketa egin aitzin». Bestalde, pandemiak zalantzan jarri ditu kanporaketa prozedurak, herrialde batzuek mugak itxi dituztelako. Atzo, Baionako auzitegiak bi hilabeteko kartzela zigorra eta Frantzian egoteko hiru urteko debekua ezarri zion Boli Kostako gizon bati. Etxeberri: «PCR testa egitea da Boli Kostara itzultzeko baldintza. Gizonak ukatu egin zuen, kanporaketa saihesteko. Baina Prokuradoreak segidak eman ditu, eta, PCRari uko egin dionez, bi hilabeteko kartzelaldia ezarri dio. Horrez gain, hiru urtez izanen du Frantziara sartzeko debekua».
2020-9-23
https://www.berria.eus/albisteak/187294/hitzetatik-ekintzetara-pasatzeko-eskatu-diote-sindikatuek-osakidetzari.htm
Gizartea
«Hitzetatik ekintzetara pasatzeko» eskatu diote sindikatuek Osakidetzari
SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek osasun sistemaren egoera hobetzeko neurriak hartu ditzala eskatu diete Osakidetzari. Adierazi dute neurriak hartu ezean mobilizazioekin jarraituko dutela.
«Hitzetatik ekintzetara pasatzeko» eskatu diote sindikatuek Osakidetzari. SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek osasun sistemaren egoera hobetzeko neurriak hartu ditzala eskatu diete Osakidetzari. Adierazi dute neurriak hartu ezean mobilizazioekin jarraituko dutela.
Osakidetzaren «egoera txarra» aspaldiko kontua dela adierazi dute SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK-k; urte luzez politika murriztaileak ezartzearen ondorio direla, eta koronabirusak egoera areagotu egin duela. Era berean, Osakidetzako 4.000 lanpostu berrien sorrerari buruz, ez dela nahikoa gehitu dute; izan ere, 15.000 aldi baterako langile daude osasun zerbitzuan. Sortuko diren 4.000 lanpostu berriekin erretiroa hartutako profesionalak ordezkatzera ere ez direla helduko azaldu dute, ez dutela lantaldea «egonkortzea» ere lortuko. Neurriak premiazkoak direla aldarrikatu dute, eta ezin dutela legegintzaldi oso bat itxaron. Osasun Sailarekin komunikaziorik ez dutela ere salatu dute; azken komunikazioa ekainaren 18an izan zen. Osasun sailburu Gotzone Sagarduyk, bestalde, sindikatuekin batzeko asmoa adierazi du, oraindik datarik jarri ez badu ere. Joan den ostiralean mobilizazioak deitu zituzten Lehen Arretako zentroetan, eta aste honetarako ere, irailaren 25erako, deitu dituzte.
2020-9-23
https://www.berria.eus/albisteak/187295/beren-bidea-egingo-dute.htm
Kirola
Beren bidea egingo dute
Aizkolariek agerraldi bateratua egin dute, azaltzeko ez daudela ados federazioarekin. Besteak beste, beren txapelketak jokatuko dituzte, urrian eta azaroan
Beren bidea egingo dute. Aizkolariek agerraldi bateratua egin dute, azaltzeko ez daudela ados federazioarekin. Besteak beste, beren txapelketak jokatuko dituzte, urrian eta azaroan
Batasun irudi sendoa eskaini dute Dimako (Bizkaia) Garena jatetxearen atarian bildu diren aizkolariek. Euskal Herriko Herri Kirol Federazioarekin dituzten desadostasunak aletu eta aurrerantzean egingo dituzten urratsak jakinarazi dituzte lehen mailako aizkolari guztiek eta bigarren mailan ari diren zortzik. Azken urteetan eta, bereziki, azken hilabeteetan gertatutakoak azaldu eta epe laburrean dituzten asmoak jakinarazi dituzte. Euskal Herriko txapela bost aldiz jantzi duen Aitzol Atutxak eta Iker Vicente egungo txapeldunak egin dituzte bozeramaile lanak: «Euskal Herriko herri-kirol federazioarekin bilera ugari izan ditugu azken urteetan zehar, baina haietan sentitutako deserosotasunak gero eta indar handiagoa hartu du». Besteak beste, «hitzemandakoak» ez direla bete salatu dute lehenengo mailako hamabi aizkolariek. Joan zen ekainaren 29an federazioak Euskal Herriko txapelketak ez antolatzeko erabakia publiko egin eta gero, erakundean dagoen «utzikeriaz ohartu» ziren kirolariak. Azaldu dutenez, haietako askok «prentsaren bidez» jakin zuten erabakiaren berri, «txapelketak jokatzeko urte erdi baten faltan». Beren bide propioa jorratzea erabaki zuten orduan: «Jakin eta berehala, gure artean zerbait egitea erabaki genuen. Federazioarekin harremanetan jarri, eta orain arte sarritan eskainitakoa eskaini genien, berriz ere; hau da, txapelketa guk geuk antolatzea. Ezezko borobila jaso genuen». Kontuak horrela, beren aldetik lehiaketa bat prestatzea erabaki dute aizkolariek; bi jardunaldi izango ditu: urriaren 25ean jokatuko dute kanporaketa, Zestoan (Gipuzkoa), eta azaroaren azken asteburuan jokatuko dute finala, Iruñean. Lehia federatiboaren molde bereko txapelketa izango da. Aitzitik, abuztuaren 20an beste ohar bat kaleratu zuen federazioak, txapelketak jokatuko zirela iragartzeko: «Egoera hori ikusita, aizkolariok bi txapelketa ‘berdin’ ditugu aurrez aurre. Erabaki beharra zegoen, biak aurrera atera, biak bertan behera utzi edo bietako bat aukeratu». Azkenaren aldeko hautua egin dute, eta federazioak antolatutako txapelketetara ez direla joango esan dute, azken hiru hamarkadetan jazotakoari errepasoa eginez: «Bide bat badakigu nora zihoan: 30 urteko esperientzia daukagu atzera begiratu ahal izateko, eta argi eta garbi okerrera besterik ez du egin bide horrek». Agerraldiarekin bat egin zuten bigarren mailako zortzi aizkolariek ere beren kabuz jokatuko dute lehiaketa, oraindik data eta lekua ezartzeke dituzten arren. Eloy Corcherok eta Julen Larreak hitz egin zuten haien izenean. Haiek abuztu amaieran jakin zuten txapelketak «hilabete eskasean» jokatuko zirela. «Zenbait arau haustez» ohartuta elkartzen hasi ziren orduan, eta federazioek ere egin zieten batzartzeko deia: «Irailaren bederatzian deitu ziguten, lau ordezkariri. Bertan, bi ordu eta erdiko eztabaidaren ondoren, proposamen bakarra jaso genuen, hori ere arautegia errespetatzen ez zuena, eta erantzuteko eguna jarri ziguten». Aizkolariek esan dute proposamen hori lantzeko bitartekari bat jarri zuela federazioak: «Printzipioz, proposamena gure taldeko ordezkariari pasatu behar zion guk denon artean ebazteko, baina berak, bere kabuz, dei pertsonalak egin zituen bozketa txapelketa jokatzearen alde ateratzeko». Errespetu falta, komenentziaz arauak aldatzea eta lehen mailakoen txapelketa bertan behera uzteko «erabili izana» sentitu dutela azaldu dute. «Elkarte baten beharra» Egoera horretan, «elkarte bat sortzeko beharraz» jabetu dira lehen eta bigarren mailako aizkolariak: «Guztion interesak defendatuko dituena eta etorkizunean txapelketak antolatzeko ekimena izango duena». Izan ere, bat egindako aizkolariek azpimarratu dute txapelketaren antolaketatik harago doazela aizkolariak federazioarekin dituzten desadostasunak, eta beraiek azken urteetan eskatutakoak ez direla bete argudiatu dute. Zenbait adibide plazaratu dituzte. Besteak beste, webgunea ez eguneratzea, sare sozialik «ikusi nahi ez izatea», zabalkunde antzua, aurrerapausorik eza, eta dieten eta diru sarien murriztea azpimarratu dituzte. Muga bat gainditu dela uste dutenez, aurrerako urratsa egitea erabaki dute aizkolariek. «Zer pentsatua» eman dieten garaiak bizitzen ari dira, eta elkar hartuta aritzearen alde mintzatu dira: «Etorkizuna izango da testigu. Kanpoko laguntza behar-beharrezkoa izango dugu, eta herri kirolaren eta aizkolaritzaren etorkizuna bermatzeko prest dagoen edonoren laguntza eskatzen dugu, erakunde publiko, pribatu nahiz pertsona fisiko izan».
2020-9-23
https://www.berria.eus/albisteak/187296/epaimahaiak-ez-du-polizia-bakar-bat-ere-zigortu-breonna-taylor-hiltzeagatik.htm
Mundua
Epaimahaiak ez du polizia bakar bat ere zigortu Breonna Taylor hiltzeagatik
Gazte afro-amerikarra polizia talde batek tiroz hil zuen etxean, joan den martxoan, Louisville hirian. Epaimahaiak agente bakarra zigortu du, baina "beharrik gabeko arrisku egoera bat" sortzeagatik. Protestak hasi dira Louisvillen.
Epaimahaiak ez du polizia bakar bat ere zigortu Breonna Taylor hiltzeagatik. Gazte afro-amerikarra polizia talde batek tiroz hil zuen etxean, joan den martxoan, Louisville hirian. Epaimahaiak agente bakarra zigortu du, baina "beharrik gabeko arrisku egoera bat" sortzeagatik. Protestak hasi dira Louisvillen.
Arrazakeriaren aurkako protestak berpiztea espero dute gaur AEBetan. Azken urteetan Poliziak hildako herritar beltzen kasu ugarik sortu duten haserrea lehertu egin da azken hilabeteetan, eta horietako hilketa kasu ezagun baten epaiak ez du giroa baretuko. Louisville hiriko epamaihai batek ebatzi du Breonna Taylor 26 urteko gaztea hiltzeaz akusatutako hiru poliziak ez direla hilketa edo homizidio delitu baten errudun, eta bakar bati ezarri dio zigor judiziala, "beharrik gabeko arrisku egoera bat" sortzeagatik. Auzitegiaren kanpoaldean bilduta zegoen jendea epaiaren esperoan, eta hori jakin bezain pronto hasi dira protestak. Taylor iragan martxoaren 13an hil zuten, haren etxean. Poliziak esan zuen drogaren aurkako operazio bat egiten ari zela eraikinean, eta Taylor sei tiroz hil zuten. Epaimahaiak justifikatutzat jo du "polizien indarraren erabilera", FBIk egin zuen ikerketaren arabera, Taylorren bikotekide Kenneth Walkerrek poliziei tiro egin zielako. Ikerketaren arabera, Myles Cosgrove poliziak hil zuen Taylor, baina Cosgrovek ez du zigorrik jaso. Kentucky estatuan dago Louisville, eta Guardia Nazionala mobilizatu dute. Protestak herrialde osora hedatzea espero dute. New Yorken eta Los Angelesen deialdiak egin dituzte, eta Illinois estatuko gobernadoreak ere Guardia Nazionala mobilizatzea erabaki du, istiluak sortuko diren beldur. Poliziak Minneapolis hirian George Floyd hil ondoren piztu zen arrazakeriaren aurkako azken protesta olaturik handiena, eta hilketa horren ondoren egin zen ezagun Taylorren kasua.
2020-9-24
https://www.berria.eus/albisteak/187336/protestak-piztu-dira-louisvillen-new-yorken-eta-washingtonen.htm
Mundua
Protestak piztu dira Louisvillen, New Yorken eta Washingtonen
Breonna Taylorren hilketagatik auzipetutako polizietako bi errugabetu egin dituzte, «zuzen» jokatu zutela iritzita. Hirugarrena auzipetu egin dute, baina bizilagunak arriskuan jartzeagatik.
Protestak piztu dira Louisvillen, New Yorken eta Washingtonen. Breonna Taylorren hilketagatik auzipetutako polizietako bi errugabetu egin dituzte, «zuzen» jokatu zutela iritzita. Hirugarrena auzipetu egin dute, baina bizilagunak arriskuan jartzeagatik.
AEBetan haserrea piztu du Breonna Taylor 26 urteko emakume afro-amerikarraren hilketagatik auzipetutako hiru poliziak errugabetzat jo izanak. Taylor martxoan hil zuten, tiroz, etxean, drogen aurkako operazio bat egiten ari zirela. Segurtasun indarretako hiru kideetatik bakarra auzipetu du epaimahaiak, Taylorren aldameneko apartamentura tiro egin eta «zentzugabeko arriskua» eragiteagatik. Beste biak errugabe jo dituzte, «zuzen» jokatu zutela iritzita. Hiru poliziek, bestalde, hamar milioi euroko kalte-ordaina eman beharko diote hildako emakumearen familiari. Epaiak haserrea eragin du AEBetan, eta protestak piztu dira hainbat hiritan, tartean Louisville, Taylor bizi zen hiria. Gaueko istiluetan bi polizia zauritu dituzte tiroz. Larrialdi egoera ezarri dute hirian, eta Guardia Nazionala bidaltzeko eskatu. Protestak izan dira New Yorken eta Washingtonen ere. Manifestariek eta Black Lives Matter mugimenduak gaitzetsi egin dute Taylorren hilketagatik inor auzipetu ez izana. Taylor familiaren abokatuak, Ben Crumpek, iraingarritzat jo du epaimahaiaren erabakia. Epaile batek eman zuen Taylorren etxean sartzeko agindua, ikertzaileek uste zutelako haren mutil lagun ohiak apartamentua erabiltzen zuela droga ezkutatzeko. Poliziaren arabera, Taylorren bikotekideak tiro egin zien segurtasun indarrei, haiek atea bota eta apartamentuan sartu zirenean. Gerora, Kenneth Walkerrek azaldu zuen Taylorren bikotekide ohia izango zela pentsatu zuela. Walkerrek polizietako bat zauritu zuen oinean, eta hirurek tiroka erantzun zuten. Ikerketak ondorioztatu zuenez, 32 aldiz egin zuten tiro. Tokian bertan hil zen Taylor.
2020-9-24
https://www.berria.eus/albisteak/187337/protesta-egin-dute-baionan-etxegabeen-egoera-salatzeko.htm
Gizartea
Protesta egin dute Baionan, etxegabeen egoera salatzeko
Bihar Baiona oposizioko taldeak salaketa ekintza bat egin du goizean, herriko etxe aitzinean eseriz, txakurrekin.
Protesta egin dute Baionan, etxegabeen egoera salatzeko. Bihar Baiona oposizioko taldeak salaketa ekintza bat egin du goizean, herriko etxe aitzinean eseriz, txakurrekin.
Jean Rene Etxegarai Baionako auzapezak neurri sorta bat izenpetu zuen iragan astean, eta eragile anitzek salatu dute etxegabeak jartzen dituela jomugan. Bihar Baiona oposizio taldeak —Mathieu Bergek eraman zuen zerrenda bozetan— ekintza bat egin du goizean, herriko etxeko atarian. Bederatzi lagun eseri dira herriko etxearen kanpoaldean, pelutxezko edo egiazko txakurrekin. Oposizioko taldeak salatu du ez dela neurri horien inguruko eztabaidarik izan, eta gehiengoak bere baitarik hartutako erabakia izan dela. Izan ere, Etxegaraik izenpetutako agirian, goizeko zortzietatik gauerdira arte «karriken gehiegizko okupazioa» debekatu du, baita «jarririk edo etzanik» egotea ere «ibiltariak trabatzeko arriskua den lekuetan». Bi txakur baino gehiago elkartzea ere debekatu du auzapezak. Bestalde, puska zenbait karrikan biltzea legez kanpokotzat jo du; janaria prestatzeko materiala, oihalak hedatzeko materiala eta txakurrak bazkatzeko tresnak, besteak beste. Neurriak «diskriminatzaileak» direlakoan, protesta egitera deitu du herritar talde batek, arratsaldean, 16:30ean. Herriko etxearen aitzinean bilduko dira gauera arte, Pobreen kontra egin ordez, pobreziaren kontra egin dezagun! lelopean.
2020-9-24
https://www.berria.eus/albisteak/187338/jose-antonio-rodriguez-ranz-izango-da-jonan-fernandezen-ordezkoa.htm
Politika
Jose Antonio Rodriguez Ranz izango da Jonan Fernandezen ordezkoa
Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Bizikidetzaren eta Lankidetzaren idazkari berria izango da Rodriguez Sanz. Deustuko Unibertsitateko Nazioarteko Harremanetako eta Donostiako campuseko errektoreordea da.
Jose Antonio Rodriguez Ranz izango da Jonan Fernandezen ordezkoa. Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Bizikidetzaren eta Lankidetzaren idazkari berria izango da Rodriguez Sanz. Deustuko Unibertsitateko Nazioarteko Harremanetako eta Donostiako campuseko errektoreordea da.
Jose Antonio Rodriguez Ranz (Andoain, Gipuzkoa, 1960) izango da Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Bizikidetzaren eta Lankidetzaren idazkari berria, BERRIAk baieztatu ahal izan duenez. Joan den legealdian Jonan Fernandezen esku zegoen ardura hori bereganatuko du Rodriguez Ranzek. Lehendakaritzaren menpe zegoen egitura hori orain arte, baina Jaurlaritzaren egitura berrian Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politiken sailaren menpe geratu da, Beatriz Artolazabal sailburuaren gidaritzapean. Rodriguez Ranz Deustuko Unibertsitateko Nazioarteko Harremanetako eta Donostiako campuseko errektoreordea izan da 2015etik gaur arte. Aurretik, 2012tik 2015era, Gizarte Zientzien Fakultateko dekanoa izan zen. Politikan ere aritua izan da: Joxe Joan Gonzalez de Txabarri Gipuzkoako ahaldun nagusiaren kabineteburua izan zen lau urtez, 2003tik 2007ra. Sabino Arana fundazioan ere ibilia da, Hermes aldizkariko zuzendari gisa. Hainbat libururen egilea ere bada.
2020-9-24
https://www.berria.eus/albisteak/187339/beste-855-positibo-atzeman-dituzte-hegoaldean.htm
Gizartea
Beste 855 positibo atzeman dituzte Hegoaldean
Inoiz baino PCR proba gehiago egin dituzte azken egunean: 14.298, zehazki. Horietatik 855 kasutan detektatu dute birusa. 337 Nafarroan detektatu dituzte. Aurreko egunean, laurehunetik gora izan ziren lurralde horretan, lehenbiziko aldiz.
Beste 855 positibo atzeman dituzte Hegoaldean. Inoiz baino PCR proba gehiago egin dituzte azken egunean: 14.298, zehazki. Horietatik 855 kasutan detektatu dute birusa. 337 Nafarroan detektatu dituzte. Aurreko egunean, laurehunetik gora izan ziren lurralde horretan, lehenbiziko aldiz.
Egun bakarrean beste 855 kasu erregistratu dituzte Hego Euskal Herrian, aurreko egunean baino 29 gehiago. Gainera, inoiz baino PCR proba gehiago egin dituzte azken egunean: 14.298, zehazki. Nafarroan atzemandako kasuak gutxitu egin dira azken egunean, baina kopuruak aise gainditu du, beste behin, hirurehunen langa, eta, Hegoaldeko lurraldeen artean, han atzeman dute kasu gehien: 337 detektatu dituzte egun bakarrean. Aurreko egunean 421 izan ziren. Halaber, berriz ere gainditu egin da lurralde horretan egun bakarrean egindako PCR kopurua: 24 orduan, 3.473 pertsonari egin zaie proba. Nafarroaz gainera, lurraldez lurralde, 229 positibo detektatu dituzte Bizkaian, 182 Gipuzkoan, eta 79 Araban. Hiruretan antzeman da gorakada positibo kopuruan. Koronabirusarekin eri ziren 51 lagun erietxeratu dituzte azken egunean Hegoaldean. Osakidetzak jakinarazi duenez, 43 ospitaleratu dituzte Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian, bezperan baino hamalau gehiago. Nafarroan, aldiz, nabarmen apaldu da egun bakarrean ospitaleratutako pertsona kopurua: 8 erietxeratu dituzte bertan. Bezperan, aldiz, 22 izan ziren. Guztira, Hegoaldean 500 lagun daude ospitalean birusaren ondorioz, eta horietatik 76 ZIUetan daude. Nafarroa, kezkak hartua Nafarroako Gobernuak egindako prentsaurrekoan eman dituzte lurralde horri dagozkion datuak. Bertan, Santos Indurain Osasun kontseilariak aitortu du egoera "kezkagarria" dela, egun batetik bestera kasu kopurua txikitu egin bada ere. Herenegun egindako PCR probetan, testen %12k eman zuten positibo , azken egunean, aldiz apaldu egin da positibo tasa, nabarmena izaten segitzen badu ere: proben %9,7tan atzeman dute birusa. "Datuak ez dira onak. Kontrara, kezkagarriak dira. Uda erdialdean, eguneko ehun kasu inguru atzematen ziren. Orain, hirurehunen langa gainditzen du kopuruak", adierazi du Indurainek. Hain justu, Azkoienen (Nafarroa) izan da gorakadarik handienetakoa azken egunetan. Hori horrela, Nafarroako Gobernuak ezohiko neurri hori onartu du aste honetan, udalarekin adostuta, bertako kasu positiboen gorakada geldiarazteko asmoz: astebeteko konfinamendua ezarri dute herrian, bart gauerditik. 6.000 biztanle ditu, eta, 100.000 biztanleko eskalan, proportzionalki 1.700 kutsatu dauzka. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, joan den igandera arte 72 lagun hil ziren astebetean Hegoaldean, aurreko astean baino hemeretzi gehiago. Zehazki, irailaren 7tik 13ra, 53 pertsona hil ziren Hego Euskal Herrian. Hilaren 14tik 20ra bitartean, berriz, 72. Hildako kopuru hori da bigarren olatua hasi zenetik izandako handiena. Koronabirusak Euskal Herrian utzitako datuak sakonki ikusteko, jo ezazu BERRIAk webgunean sortutako atal berezira: Koronabirusaren azken datuak. Bertan jasota daude COVID-19ak Euskal Herrian duen eragina azaltzen duten grafikoak eta mapa interaktiboak.
2020-9-24
https://www.berria.eus/albisteak/187340/beltran-de-heredia-bideguren-eta-rodriguez-senatari-izendatu-dituzte.htm
Politika
Beltran de Heredia, Bideguren eta Rodriguez senatari izendatu dituzte
Eusko Legebiltzarrak hautatu ditu hiru senatariak, legegintza berriko lehen osoko bilkuran
Beltran de Heredia, Bideguren eta Rodriguez senatari izendatu dituzte. Eusko Legebiltzarrak hautatu ditu hiru senatariak, legegintza berriko lehen osoko bilkuran
Eusko Legebiltzarrak Estefania Beltran de Heredia (EAJ), Idurre Bideguren (EH Bildu) eta Tontxu Rodriguez (PSE-EE) hautatu ditu EAEko senatari autonomiko gisa. Hiru ordezkarien izendapena legegintzako lehen osoko bilkuran egin dute. Beltran de Herediak 22 boto jaso ditu; Bidegurenek, 20; eta, azkenik, Rodriguezek, 19. Horrez gain, hamahiru ordezkarik abstentziora jo dute. Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua izan da azken zortzi urtean. Orain, Josu Erkorekak hartu du haren kargua, eta Beltran de Herediak, berriz, Jokin Bildarratz ordezkatuko du Senatuan, egun Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua dena. Bidegurenen eta Rodriguezen kasuan, bestalde, senatari izaten jarraituko dute beste legealdi batez. Hiru senatari autonomiko horiez gain, EAEko herritarrek beste 12 senatari hautatu zituzten, bozketa bidez, hauteskunde orokorretan.
2020-9-24
https://www.berria.eus/albisteak/187341/ontziolek-helegitea-jarriko-diote-laguntzak-berreskuratzera-behartzen-duen-epaiari.htm
Ekonomia
Ontziolek helegitea jarriko diote laguntzak berreskuratzera behartzen duen epaiari
2007tik 2011ra tax lease sistemaren bidez ontziolen bezeroei emandako laguntzak berreskatu behar ditu Espainiako Estatuak EBko Auzitegi Orokorraren epaiaren arabera, baina ontziolek EBko Auzitegi Gorenera joko dute
Ontziolek helegitea jarriko diote laguntzak berreskuratzera behartzen duen epaiari. 2007tik 2011ra tax lease sistemaren bidez ontziolen bezeroei emandako laguntzak berreskatu behar ditu Espainiako Estatuak EBko Auzitegi Orokorraren epaiaren arabera, baina ontziolek EBko Auzitegi Gorenera joko dute
Legez kanpoko estatu laguntza gisa jo ditu Europako Batasuneko Justizia Auzitegi Orokorrak Espainian 2007tik 2011ra indarrean egon zen tax lease sistemak ahalbidetzen zituen beherapenak, %20 eta %30 artekoak. Espainiako Estatua laguntza horiek berreskuratzera behartzen du ebazpenak; hori egin behar izan aurretik, ordea, ontziolen patronal Pymarrek helegitea jarriko dio erabakiari auzitegi goren batera joaz, EBko Justizia Auzitegi Gorenera. Euskal ontziolentzat «oso albiste txarrak» lirateke laguntzak itzuli behar izatea, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako Sailak onartu duenez. Nolanahi ere, gaur egun ontzien eraikuntza laguntzeko dagoen finantza sistemarik legezkoa dela azpimarratu du sailak, onartua Europan, eta arazoa, balego, 2007tik 2001ra litzatekeela. "Ez da bidezkoa, eta berriro Espainiako industriaren aurka doa. Eta bien bitartean, Herbehereetako sistema ikertu gabe jarraitzen du», esan du Pymarreko kontseilari ordezkari Almudena Lopez del Pozok. Azken ebazpenak ez du zehaztu zenbat milioi euro berreskuratu beharko lituzkeen Espainiako Gobernuak, baina euskal ontziolen hainbat salmenta tax lease sistema zaharraren arabera egin zituzten, eta helegiteak ez badu Europako Batzordearen irizpidea aldarazten, euskal enpresek arazo larri bat izan dezakete.
2020-9-24
https://www.berria.eus/albisteak/187342/euskaraldian-izena-emateko-epea-ireki-dute.htm
Gizartea
Euskaraldian izena emateko epea ireki dute
Aurreko aldian baino udalerri gehiagok eman dute izena, 412k, eta ari dira entitateetan ere: 13.000 arigunetik gora dira jadanik. Herritarren txanda da orain.
Euskaraldian izena emateko epea ireki dute. Aurreko aldian baino udalerri gehiagok eman dute izena, 412k, eta ari dira entitateetan ere: 13.000 arigunetik gora dira jadanik. Herritarren txanda da orain.
Orain bi urteko ariketan baino are olatu sendoagoa sortzeko bidean da Euskaraldia. Herritarrek izena emateko epea orain ireki dute, eta hori izango da giltzarrietako bat, baina oinarri sendoagoa prestatu dute jadanik. Batetik, udalerriei dagokienez: Euskal Herri osoko 412 herrik eman dute izena ariketarako, aurrekoan baino zazpi gehiagok. Tartean daude zazpi hiriburuak, eta, biztanle aldetik, herritar gehien-gehienen udalerriak barruan daude. Bestetik, aurtengo ariketaren berritasuna da norbanakoena ez ezik ariketa kolektiboa ere izango dela: entitateetan eragin nahi dute, ariguneekin, euskaraz eroso aritzeko eremuekin. Bi hilabete barru izango da Euskaraldia, hamabost egunez: azaroaren 20tik abenduaren 4ra. Bideoa: Bigarren Euskaraldia: norbanakotik kolektibora (2019ko ekaina) Arrakastatsua izan zen lehen Euskaraldia parte hartzeari dagokionez: 225.000 herritarrek eman zuten ariketarako izena. Alegia, proportzioan begiratuta, euskal herritarren ia hamarretik batek —16 urtetik gorako herritarrak hartuta, adin horretatik gorakoek baitute aukera izena emateko—. Hala ere, antolatzaileek garrantzi handiagoa eman zioten ariketaren beraren muinari: hizkuntza ohiturak aldatzeari. Ebaluazioa egin zuten, inkesta baten bidez, eta erakutsi zuen baietz, eragina izan zuela hizkuntza ohituretan: ariketak berak iraun zuenean nabarmen areagotu zuten euskararen erabilera parte hartzaileek —hogei puntu inguru—, eta pixkanaka indarra galdu zuen gerora. Baina eragina utzita, nolanahi ere.p> Euskaraldiaren ikerketak erakutsi zuen, gainera, premiarik handiena dagoen tokian eman zutela pausorik handiena, eremurik erdaldunenetan, eta euskaraz gaitasun mugatua daukatenek aldatu zutela ohitura gehien. Beste koska bat igotzea, hori da aurtengo ariketaren helburua, eta orain bi urteko Euskaraldiak sortutako giroa berritzea. «Berriz bizitzera goaz duela bi urteko enpatia, ilusioa, begiradak, konplizitatea, sintonia ona... Lortu nahi dugu horiek ere ahalik eta jende gehienera iristea». Kike Amonarrizen hitzak dira, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariarenak. Topagunea bera da, Eusko Jaurlaritzarekin batera, Euskaraldiaren antolatzailea, baina sustatzaile gisara alboan dituzte Euskal Herri osoko erakundeak eta euskalgintzako eragileak. Elkarrekin agerraldia egin dute Gasteizen, eta Euskaraldian izena emateko deia egin dute. Iluntzerako beste ekitaldi bat antolatu dute, Bergaran (Gipuzkoa): Euskaraldiko kantua eta bideoklipa aurkeztuko dituzte. Parte hartzaileen soslaia Ariketan parte hartzeari dagokionez, erronka dute orain bi urteko Euskaraldian parte hartu zutenak berriz erakartzea, eta erabileran egin zuten urratsa berritzea. Baina harago jotzeko nahia ere badute, Arrate Illaro koordinatzailearen esanetan: «Nahi dugu lehen aldian parte hartu zuten kideak berriz gurekin aritzea, baina baita kide berriak ere: bakoitzak nahi eta ahal duen jokabidea hartuta egin daiteke ariketa». Rolei dagokienez, ez dago aldaketarik: ahobiziek konpromisoa dute ahal den guztietan euskaraz aritzeko; belarriprestek, berriz, euskararen erabilera errazteko funtzioa dute. Izen emateetan gorabeherak izan ziren orain bi urte: ahobizi gisa parte hartu zuten ia lautik hiruk, emakumeak izan ziren ia hirutik bi, eta proportzioan apalagoa izan zen 16-30 urte artekoen parte hartzea —euskararen ezagutza gainerako adin taldeetan baino handiagoa dute—. Desoreka horietan eragin nahi dute aurten. Askotariko jendea erakarri beharraz mintzatu da, hain justu, Ana Ollo, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilaria: «Askotarikoak gara, eta, hala ere, badugu zerbait komunean: prest gaude euskaraz gehiago egiteko pausoak emateko». Nabarmendu du ezagutza gora ari dela belaunaldi berrietan. «Espero dezagun gazteek euskararen aldeko hautua indartzea». Herriz herriko sarea Behetik gora sortutako lan ardatz baten fruitua da Euskaraldia. Mugimendua hainbat herritan hasi zen, hizkuntza ohiturak aldatzeko ekinaldien bidez, eta hori maila nazionalera eraman dute Euskaraldiarekin. Baina orain ere zeregin funtsezkoa daukate herriz herriko batzordeek: haiek ari dira sareak josten izena eman duten udalerrietan. Kemena eta ilusioa goraipatu ditu Bingen Zupiriak, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuak: «Pandemiak gogor jo gaitu, eta une honetan ilusioa behar dugu: heldulekuak eta estimulu berriak. Euskaraldiak hori ekar diezaguke». Koronabirusa eragina izaten ari da, noski, Euskaraldia prestatzeko prozesuan. Herriz herriko batzordeen lana zaildu du. Baina baldintza horietan ere udalerri gehiagok eman dute izena, eta entitateetan ere bidea egiten ari dira. Izena emateko epea irekita dago, baina orain arte askotariko 4.300 zentrok eman dute izena, eta 13.000 arigune baino gehiago daude identifikatuta. Ariguneen helburua da euskaraz lasai aritzeko espazioak eratzea, euskara denek ulertzen dutela bermaturik. Herritarren arloan eta entitateenean, bietan eragin nahi dute, ariketa sendoagoa eginez. Hala nabarmendu du Amonarrizek: «Jauzia egiteko garaia da: herritarrek, erakundeek eta eragileek, denok dugu jauzi hori emateko zeregina eta ardura. Hau da momentua. Eta guk ez badugu egiten, ez du beste inork egingo». Euskaraldian izena emateko, hiru bide hauek daude: - Herriz herriko izen emate ekitaldietan - Euskaraldiak sakelako telefonoetarako duen aplikazioan - Interneten, Euskaraldiaren webgunean
2020-9-24
https://www.berria.eus/albisteak/187343/mercadonak-gasteizko-gune-logistikoa-bukatu-du-beste-hamazazpi-milioi-jarrita.htm
Ekonomia
Mercadonak Gasteizko gune logistikoa bukatu du, beste hamazazpi milioi jarrita
Hego Euskal Herriko, Errioxako, Kantabriako eta Burgosko Mercadonaren saltokiak hornitzeko gune logistikoa amaitu du Espainiako banaketa taldeak, eta, aurten, 120 lanpostu sortu ditu han
Mercadonak Gasteizko gune logistikoa bukatu du, beste hamazazpi milioi jarrita. Hego Euskal Herriko, Errioxako, Kantabriako eta Burgosko Mercadonaren saltokiak hornitzeko gune logistikoa amaitu du Espainiako banaketa taldeak, eta, aurten, 120 lanpostu sortu ditu han
Guztira 187 milioi euroko inbertsioa egin du Mercadonak azken urteotan Jundizko (Gasteiz) gune logistikoa egiteko. Aurten hamazpi milioi euro baliatu ditu instalazioa bukatzeko, eta, dagoeneko, 480 langilek dihardute beharrean han, 2020an 120 lanpostu sortu ondoren. EAEko Mercadonako giza baliabideetako buru Fran Maeztuk esan du enplegu hori kontratu finkoen bidez eman dutela, eta enpresak trebatu dituela langileak. Jundizko gune logistiko handiak islatzen du, Maezturen arabera, «Mercadonak konpromisoa duela Euskadiko hazkunde ekonomiko eta sozialarekin».
2020-9-24
https://www.berria.eus/albisteak/187344/aurrez-aurrekoak-ez-diren-osoko-bilkurak-egiteko-aukera-onartu-du-eusko-legebiltzarrak.htm
Gizartea
Aurrez aurrekoak ez diren osoko bilkurak egiteko aukera onartu du Eusko Legebiltzarrak
Eusko Legebiltzarreko araudia aldatu dute, COVID-19aren ondorioz. Legebiltzarkideek aukera edukiko dute beren botoa era telematikoan emateko, eta baita eskuordetzeko ere.
Aurrez aurrekoak ez diren osoko bilkurak egiteko aukera onartu du Eusko Legebiltzarrak. Eusko Legebiltzarreko araudia aldatu dute, COVID-19aren ondorioz. Legebiltzarkideek aukera edukiko dute beren botoa era telematikoan emateko, eta baita eskuordetzeko ere.
Hasi du ikasturtea Eusko Legebiltzarrak, eta, horrekin batera, dagoeneko adostu dituzte zenbait puntu. Lehena Eusko Legebiltzarraren araudiaren aldaketa izan da. Ondorioz, hemendik aurrera, osoko bilkurak aurrez aurre ez egiteko aukera egongo da ezohiko egoeretan. Horrez gain, legebiltzarkideek aukera edukiko dute beren botoa era telematikoan emateko, betiere kasu zehatzak badira. Gainera, botoa eskuordetzeko aukerak ere areagotu egin dituzte. Hain zuzen, aldaketa horiek EH Bilduk, EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek egindako proposamen bati esker onartu dituzte. Saio bat modu telematikoan egin ahal izateko, gutxienez, eskaria bi taldek edo legebiltzarkideen bostenek egin beharko dute, betiere ezohiko egoerek haien aurrez aurreko presentzia oztopatzen badute. Botoa eskuordetzeari dagokionez, orain arte, soilik aitatasun eta amatasun baimenetan egin zitekeen, baina areagotu egin dira aukerak. Haurdun edo ospitalean egonez gero, edo gaixotasun larri bat edukiz gero, botoa eskuordetzeko aukera egongo da hemendik aurrera. Gainera, amatasun eta aitatasun baimenetan botoa eskuordetzeko iraupena luzatzea ere aurreikusten da, orain arte sei astekoa izan baita epea. Areago, egoera horietan daudenek aukera edukiko dute botoa era telematikoan emateko, betiere Legebiltzarreko mahaiak hala onartzen badu eta boto emailearen identitatea eta botoaren norabidea bermatzen badira.
2020-9-24
https://www.berria.eus/albisteak/187345/sarbideak-itxita-eta-kaleak-hutsik-azkoienen.htm
Gizartea
Sarbideak itxita eta kaleak hutsik Azkoienen
Normaltasuna izan da nagusi konfinamenduaren lehen orduetan. Herritik irten diren ia denak lan arrazoiengatik irten direa.
Sarbideak itxita eta kaleak hutsik Azkoienen. Normaltasuna izan da nagusi konfinamenduaren lehen orduetan. Herritik irten diren ia denak lan arrazoiengatik irten direa.
Bart gauerdian hasi da Azkoienen (Nafarroa) astebeteko konfinamendua. Gaurtik, soilik arrazoi jakin batzuengatik atera edo sartu ahal da herrian, eta goizetik itxita daude bideak. Lan horretan dira Foruzaingoa, Udaltzaingoa eta Guardia Zibila: 25 poliziako hiru txanda osatu dituzte, une oro sarbideak zaintzeko. Gainera, nahiz eta herritarrek ez duten debekatua kalera ateratzea, gaur goizean hutsik izan dira kaleak. Juan Carlos Castillo alkateak esan du normaltasunez joan dela goiza. Mikel Santamaria Foruzaingoaren bozeramaileak jakinarazi du ez dela arazorik izan goizean sarrera eta irteeretan. Alkateak herritarren laguntza eskatu du; aitortu du horrelako neurri bat ez dela inoren gustukoa, baina hartu beharreko neurri bat dela azpimarratu du. Iradoki du, gainera, kutsatze maila altuak zerikusia duela ez-jaiekin, "kutsatuen erdiak jende gaztea direlako". Nafarroako Gobernuak ezohiko neurri hori onartu du aste honetan, udalarekin adostuta, Azkoienen kasu positiboen gorakada geldiarazteko asmoz. 6.000 biztanle ditu, eta, 100.000 biztanleko eskalan, proportzionalki 1.700 kutsatu dauzka. Soilik lan, osasun edo hezkuntza arrazoiak dituztenak, ohiko bizilekura itzultzen direnak, mendekotasun bat duen norbait zaindu behar dutenak eta bestelako arrazoi garrantzitsu bat dutenak sartu edo atera daitezke herritik gauerditik. Santamariak jakinarazi du goizean herritik irten direnetatik ia denak lan egitera irten direla. Ordutegiei, gehienezko edukierei eta bildu daitezkeen pertsonen kopuruari buruzko neurriak ere onartu dituzte. Ostatuek 22:00etarako itxi beharko dituzte ateak; bai barruan, bai terrazetan, erdira murriztu behar izan dute edukiera; eta ezin dira sei pertsona baino gehiago elkartu. Jolas parkeak eta kirol eta kultur instalakuntzak itxi dituzte. Herria ixteko neurria astebeterako hartu dute, baina kutsatu kopuruaren bilakaeraren arabera luzatu ahal izango dute.
2020-9-24
https://www.berria.eus/albisteak/187347/labek-salatu-du-patronalaren-asmoak-zuritzen-ari-direla-gobernuak.htm
Ekonomia
LABek salatu du patronalaren asmoak «zuritzen» ari direla gobernuak
Aranbururen ustez, aliantzak «zabaltzea» eskatzen du egoerak: «Ezinbestekoa da langileak antolatzea eta aktibatzea: konponbidea ez da elkarrizketatik etorriko».
LABek salatu du patronalaren asmoak «zuritzen» ari direla gobernuak. Aranbururen ustez, aliantzak «zabaltzea» eskatzen du egoerak: «Ezinbestekoa da langileak antolatzea eta aktibatzea: konponbidea ez da elkarrizketatik etorriko».
LABek argi du: konfrontaziorako garaia da. Langileak «antolatu eta aktibatzekoa». Eta hori ahalik eta kopuru handienetan eta eta ahalik eta sektore gehienak bilduz lortzen bada, hobeto. «Erabakiak indar korrelazioaren arabera hartuko dira, eta horretarako ezinbestekoa izango da aliantzak zabaltzea». Sindikatuko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk ohartarazi du langileentzat «garai zailak» datozela, eta nabarmendu du konponbidea ez dela helduko patronalak eta gobernuak proposatzen ari diren bidetik. «Ez dugu ikusten elkarrizketatik eta adostasunetik etorriko denik». Hausnarketa horiek egin ditu LABeko buruak, sindikatuak urriaren 8an Barakaldoko BECen egingo duen Biltzar Artekoa aurkezteko Donostian egindako agerraldi batean. Batzar horretan, 2017an zehaztutako estrategia «berretsi» nahi du zuzendaritzak, eta egungo garaira «egokitu». Duela bi urtekoan, gai nagusienetako bat izan zen ELArekiko harremanak bideratzea. Bi sindikatuen arteko elkarlanari buruzko balantze baikorra egin du Aranburuk, baina azpimarratu du egungo egoerak aliantzak zabaltzea eskatzen duela, eta, bereziki, zenbait sektoretako eragileekin: hezkuntzaren eta osasungintzaren alorrekoekin, besteak beste, eta sindikalizatu gabe dauden sektoreetakoekin: etxeko langileekin eta autonomo faltsuekin, adibidez. «Fase honek perspektiba zabaltzea eskatzen du». Bi bloke Aranbururen arabera, COVID-19ak eragin duen krisiak agerian utzi ditu «sistema kapitalistaren hutsuneak», eta horrek, halaber, «eredu eta norabide aldaketa baten beharra». Bi bloke bereizten ditu LABeko buruak. «Batetik, patronalak eta alderdi sistemikoak, eta, bestetik, langileak». Azpimarratu du lehenak «sistema berreraikitzea» duela helburu. Horren parean «eredu sozial eta politiko berri» bat proposatzen dutenen taldeak egon behar duela uste du. «Guk ez dugu indarrean dagoen sistema hau berreraiki nahi: prekaritate eta pobrezia gehiago da, zerbitzu publikoetan murrizketak egitea da, zaintza lanen arazoari irtenbidea ez aurkitzea da, planeta suntsitzen jarraitzea da». LABen arabera, «argi» dago patronalaren eta gobernuen asmoak zeintzuk diren, eta horri aurre hartzeko estrategiak adostu beharra azpimarratu du. «Xake partida baten gisa» ikusten du egoera. «Garrantzitsua da norberaren jokaldiak aurrez ongi pentsatzea, baita parean dagoen jokalariaren jokaldia aurrez ikusteko gaitasuna izatea ere. Hori da gure abantaila: alderdi sistemikoek eta patronalak krisiari nola erantzun nahi dioten badakigu: soldatak eta lan baldintzak kaskartuz, zorpetze publikoa handituz eta aberastasuna birbanatzeko zerga politika ukitu gabe, kostu guztiak langileon bizkar gainean utziz». Soldaten jaitsiera Horrekin lotuta eta kazetarien galderei erantzunez, Aranburuk salatu du gobernuak patronalaren asmoak «zuritzen» ari direla, eta adibide gisa jarri ditu enpresaburuen elkarteetako buruak eta Eusko Jaurlaritzako sailburu batzuk soldaten jaitsieraren inguruan zabaltzen ari diren mezuak. Azpimarratu du proposamen horren helburua ez dela enplegua mantentzea: «Patronalaren aitzakia bat baino ez da krisitik abantailarekin ateratzeko. Aurreko krisian egin zuten bezala egin nahi dute orain ere. Asmo hori desmuntatu nahi dugu langileek ikus dezaten benetako asmoa. Hori egiten badugu, ez dugu uste horretan sartuko direnik». Aranbururen arabera, patronalak «enpresa handien beharren arabera» egiten ditu bere proposamenak. Beste bat da enpresa txiki eta ertainen egoera. LABeko buruak adierazi du bere sindikatua prest dagoela enpresa batzuetan «behin-behineko neurri» batzuez hitz egiteko, baina baldintza batekin: aurreko egoerara itzultzeko konpromisoarekin baldin bada.
2020-9-24
https://www.berria.eus/albisteak/187348/ehuk-miren-basaras-izendatu-du-covid-19aren-zaintza-batzordearen-arduradun.htm
Gizartea
EHUk Miren Basaras izendatu du COVID-19aren Zaintza Batzordearen arduradun
Mikrobiologoa eta EHUko irakaslea da Basaras, eta koronabirusaren ikerkuntzan badu esperientziarik. Zaintza Batzordearen lehen erronka EHUko egoera epidemiologikoa zein den aztertzea izango da.
EHUk Miren Basaras izendatu du COVID-19aren Zaintza Batzordearen arduradun. Mikrobiologoa eta EHUko irakaslea da Basaras, eta koronabirusaren ikerkuntzan badu esperientziarik. Zaintza Batzordearen lehen erronka EHUko egoera epidemiologikoa zein den aztertzea izango da.
Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak COVID-19aren Zaintza Batzordea eratu du, eta Miren Basaras mikrobiologoak eta irakasleak kudeaketaren kargua hartuko du, EHUk ontzat emanda. Zaintza Batzordea koronabirusaren inguruko koordinazio, aholkularitza, informazio, jarraipen eta kontrol lanez arduratuko da. Batzordearen helburu nagusia izango da «hasi berri den ikasturtea presentzialtasun egokitu batera moldatzea». Basarasek «ilusioz» eta «arduraz» heldu dio kargu berriari. «Erronka handia da EHUko egoera epidemiologikoa zein den aztertzea, baita koronabirusak eraginkortasunez eta azkar kontrolatzea ere. Funtsezkoa izango da edozein agerraldiren badago erabakiak azkar hartzea, birusa unibertsitate ingurunean ahalik eta gutxien transmititu dadin. Horretarako, osasun agintaritza eta zerbitzuekin koordinatuta egongo gara une oro», nabarmendu du. Bestalde, EHU unibertsitate publikoa den heinean, Basarasen iritziz, «funtsezkoa da etxean bakartuta edo berrogeialdian dauden ikasleek ikasten jarraitu ahal izatea, modu ez presentzialean». Ikasleei sortuko zaizkien zalantzak argitzen saiatuko dela gehitu du. Basarasek badu esperientziarik COVID-19aren ikerkuntzan. Mikrobiologiako ikasketak egin zituen EHUn, eta Biologia Zientzietan lizentziaduna ere bada. Orain arte, mikrobiologiako irakaslea izan da, baita Medikuntza Graduan ere. Horrez gain, EHUko Agente Biologikoen eta Genetikoki Eraldatutako Organismoen Ikerketetarako Etika Batzordeko buru eta kide izan zen. Egun, Mikrobiologia eta Osasuna elkarteko idazkaria da. Hainbat hedabidetan kolaboratzen du; tartean, BERRIA.
2020-9-24
https://www.berria.eus/albisteak/187349/gipuzkoako-zahar-egoitzetako-langileek-grebari-ekingo-diote-urriaren-6an.htm
Gizartea
Gipuzkoako zahar egoitzetako langileek grebari ekingo diote urriaren 6an
Osasun krisiaren aurretik pairatzen zituzten lan baldintzak orain «are okerragoak» direla leporatu diete enpresa arduradunei eta Gipuzkoako Foru Aldundiari. Hala, martxoaren 13an 242 egunen ostean gelditu zuten grebari berriro ekitea erabaki dute.
Gipuzkoako zahar egoitzetako langileek grebari ekingo diote urriaren 6an. Osasun krisiaren aurretik pairatzen zituzten lan baldintzak orain «are okerragoak» direla leporatu diete enpresa arduradunei eta Gipuzkoako Foru Aldundiari. Hala, martxoaren 13an 242 egunen ostean gelditu zuten grebari berriro ekitea erabaki dute.
Gipuzkoako zahar egoitzetako langileek martxoaren 13an eten zuten egiten ari ziren greba, munduko osasun pandemiaren inguruan «erantzukizunez jokatzeko». Orain, ordea, grebari berriz ekitea erabaki dutela jakinarazi du ELA sindikatuak. «Foru Aldundiak eta enpresek egungo egoera oso larrian duten borondaterik ezak behartuta», Gipuzkoako zahar egoitzetako langileek erabaki dute duela bi urte baino gehiago hasitako borrokari berrekitea, langileen baldintzak eta erabiltzaileei eskaintzen zaien zerbitzua hobetuko dituen hitzarmen kolektibo baten alde. Langileek azaldu dutenez, orain «pandemiaren aurretik baino baldintza okerragoetan» ari dira lanean. «Gaur egun sektoreko langileok pairatzen duguna ankerra da», nabarmendu dute. Gauzak horrela, «erabaki gogor bat» hartzea beste biderik ez dute ikusi. Gipuzkoako egoitzetako ELAko langileek martxoaren 13an 242 egunen ostean gelditu zuten grebari berriro ekitea erabaki dute, oraingoz, egun baterako: urriaren 6rako. «Ezin dugu onartu enpresak eta Aldundia sektore honetan egiten ari direna, non bizitzak jokoan dauden eta erantzukizunez jokatzen ez den», nabarmendu dute. Izurriaren lehen olatuaren erasoa jasan eta gero, langileak «fisikoki, psikologikoki eta emozionalki lehertuta» geratu direla nabarmendu dute. Horrez gain, salatu dute «enpresen eta Foru Aldundiaren mespretxua eta kudeaketa negargarria pairatzen» ari direla. «Lan gatazka eta gatazka soziala konpontzeko ahaleginak egin beharrean, eta langile, material eta lan baldintza hobeetan inbertitzen saiatu beharrean, gaur, 6 hilabeteko pandemiaren ostean, okerrago gaude», zioen oharrak. Adierazi dutenez, ez enpresak, ez aldundiak ez diete langileen eskaerari erantzuten; ez daude elkarrizketarako eta negoziaziorako prest ere. «Gainera, langileoi eta Gipuzkoako egoitzetako erabiltzaileei hain ondorio larriak ekarri dizkigun eredu horretaz harro daudela diote», salatu dute. Horiek horrela, egungo egoera «kezkagarria» dela ziurtatu dute. ELAk adierazi duenez, pandemiaren aurretik ere estrukturala eta defizitarioa zen langileria faltari orain lan karga handitzea gehitu zaio, zentroen berregituraketa logikoa dela eta. «Hori dela eta, gaur egun langile falta horrek arrisku larrian jartzen du ez bakarrik langileen osasuna, baita egoitzetako erabiltzaileen bizitza ere». Langileek oharrean salatu dute gaixo baimenak ez direla beti betetzen. «Ez dagoelako horiek betetzeko borondaterik edo, besterik gabe, baldintza horietan lan egin nahi duen langilerik ez dagoelako; izan ere, gaur egun, egoitza batzuetan norbera babesteko ekipamenduak falta dira, edo kalitate txarrekoak dira; PCR analisiak egin ditzaten gogor borrokatu behar da…». Langileen eskaria argia da: «Bizi dugun bigarren olatu honen aurrean, langile eta erabiltzaileok premiaz eta berehala baliabide pertsonal gehiago eta hobeak behar ditugu; hau da, bizi eta lan baldintza hobeak. Azkenik, oharrak amaieran honela zioen: «Langileek zaintza publikoko sistema baten alde egin dute, ez aldundiaren enpresa lagunak aberasten dituen baten alde».
2020-9-24
https://www.berria.eus/albisteak/187350/eugene-green-zinemagilea-bota-dute-maskara-ez-janzteagatik.htm
Kultura
Eugene Green zinemagilea bota dute maskara ez janzteagatik
Zinemagile estatubatuarrak 'Atarrabi et Mikelats' euskarazko filma dauka ikusgai Zinemira sailean
Eugene Green zinemagilea bota dute maskara ez janzteagatik. Zinemagile estatubatuarrak 'Atarrabi et Mikelats' euskarazko filma dauka ikusgai Zinemira sailean
Donostiako Zinemaldiak jakinarazi du Eugene Green zinemagileari akreditazioa kendu eta zinemalditik bota duela. Atzo eman zuten Greenen azkeneko filma, Atarrabi et Mikelats, Principe aretoan, eta, zinemaldiak ohar baren bidez jakinarazi duenez, jaialdiko langileek bost aldiz eskatu zioten Greeni maskara janzteko eta behar bezala eramateko. Azkenean, Zinemaldiaren zuzendaritzak zinema aretotik ateratzeko eskatu zion. Ertzaintzako bi agentek jakinarazi zioten salaketa administratibo bat jarriko ziotela, eta isuna jaso zezakeela. Zinemaldiak akreditazioa kendu dio Greeni. «Zinemaldiko gonbidatua izateari utzi dio, osasun agintariekin bat etorriz hartutako neurriekiko eta Zinemaldiko langileekiko errespetu faltagatik eta ikusleen eta film lantaldearen osasuna arriskuan jartzeagatik, proiekzioan zehar eta geroago». Solasaldiak Lukas Hiriart eta Saia Hiriart aktoreekin jarraitu zuen.
2020-9-24
https://www.berria.eus/albisteak/187351/urkulluren-lehenengo-elkarrizketa-ekoiztetxe-baten-esku-utzi-izana-salatu-dute-etbko-langileek.htm
Bizigiro
Urkulluren lehenengo elkarrizketa «ekoiztetxe baten esku utzi» izana salatu dute ETBko langileek
Batzordeak adierazi du telebista publikoaren zuzendaritzak etxeko langileak «gutxietsi» dituela. Gaztelera lehenetsi izana ere arbuiatu dute.
Urkulluren lehenengo elkarrizketa «ekoiztetxe baten esku utzi» izana salatu dute ETBko langileek. Batzordeak adierazi du telebista publikoaren zuzendaritzak etxeko langileak «gutxietsi» dituela. Gaztelera lehenetsi izana ere arbuiatu dute.
«Onartezina da lehendakariari ETBn eginiko lehenengo elkarrizketa produktora batek egitea, eta gaztelaniaz». Horrela hasten da ETBko langile batzordeak plazaratu duen oharra. Telebista publikoaren gaztelerazko kanalak irailaren 13an zabalduriko elkarrizketak sortu du langileen haserrea. Lehendakari kargua zin egin eta eskainitako lehenengo elkarrizketa izan zen. Langileen ordezkariek salatu dutenez, elkarrizketaren «edukia, kazetari lana, errealizazioa eta zuzendaritza» ekoiztetxe baten esku utzi zuen ETBk, baina lan «tekniko guztia» telebista publikoko langileek egin zuten. Langileen arabera, aurrekariak egon badaude, baina eurentzat «are latzagoa» izan da oraingoa, lehendakariaren lehenengo elkarrizketa izan delako. «Zuzendaritzak etxeko langileak gutxiesten ditu, eta haien lanarekiko konfiantzarik eza adierazten dio gizarteari». Langileek argudiatu dutenez, esku pribatuetan utzitako lan horiek egiteko gai diren profesional asko daude ETBko albistegietan. Horiei halako lan garrantzitsua egiteko aukera kendu dietela salatu dute. Adierazi dutenez, konfiantzarik ezaz gain, ekoiztetxeei negozioa eman nahi izan diete, eta elkarrizketatzaileen lana baldintzatzeko botere handiagoaz baliatu. Lehenengo elkarrizketa gazteleraz egin izanak erakusten du «ETB1ekin eta euskararekin dagoen konpromisoaren neurria», langile komitearen arabera.
2020-9-24
https://www.berria.eus/albisteak/187352/berriz-ukatu-diote-baldintzapeko-askatasuna-jakes-esnali.htm
Politika
Berriz ukatu diote baldintzapeko askatasuna Jakes Esnali
Bake Bideak erabaki «kriminala» salatu du. Bihar mobilizazioa eginen dute, 19:00etan, Donibane Lohizunen. Frederic Haranburu 'Xistor' baldintzapean askatzearen kontra egin du fiskaltzak, eta urriaren 27an emanen dute erabakia.
Berriz ukatu diote baldintzapeko askatasuna Jakes Esnali. Bake Bideak erabaki «kriminala» salatu du. Bihar mobilizazioa eginen dute, 19:00etan, Donibane Lohizunen. Frederic Haranburu 'Xistor' baldintzapean askatzearen kontra egin du fiskaltzak, eta urriaren 27an emanen dute erabakia.
Gidoia errepikatu egin da berriz ere. Lehen instantzian epaileak baiezkoa eman bazuen ere, Dei Auzitegiak ukatu egin du Jakes Esnal euskal presoaren baldintzapeko askatasun eskaera. Esperantza sor zezakeen lehen epaiak, Euskal Herrian gatazkaren konponbidean emandako urratsak kontuan hartzen zituelako, baina terrorismoaren kontrako fiskaltzaren bidea segitu du azkenean Dei Auzitegiak. 69 urte ditu Donibane Lohitzuneko (Lapurdi) presoak, eta 30 urte egin ditu presondegian. Erabakia «kriminala» dela salatu du Bake Bideak ohar batean, eta «onartezina» deritzo botere politikoak egoera hau ontzat jotzeari. «Bake prozesuari eta Euskal Herriko gizartearen nahiari egokitua den politika penal bat behar dugu», aldarrikatu du. Larunbatean bakegileek antolatutako ekintzan errandakoak oroitarazi dituzte, mobilizazio fase berri baten beharra nabarmenduta: «suprefeturaren aitzinean burutu genuen ekintza sinbolikoan, blokeoaren murrua eraiki genuen, eroraraziko dugun murrua, kosta ala kosta!». Haranbururen erabakia urrian Esnalen eskaeraz gain, gaur iragan da Frederic Haranburu Xistor euskal presoaren baldintzapeko askatasun eskaera Dei Auzitegian. Fiskaltzak eskaeraren kontra egin du. Urriaren 27an emanen dute erabakia. Haranburu, Esnal eta Paroten egoerak salatzeko mobilizazioa deitu du bihar arratsalderako Bake Bideak, 19:00etan, Donibane Lohizunen.
2020-9-24
https://www.berria.eus/albisteak/187353/durangoko-airean-bentzeno-kantitate-kezkagarriak-atzeman-ditu-udalak.htm
Gizartea
Durangoko airean bentzeno kantitate «kezkagarriak» atzeman ditu udalak
Tecnaliak egindako azterketa baten arabera, baliteke Iurretako industrialdean izatea jatorria Durangon usain txarrak eragiten dituen kutsadurak.
Durangoko airean bentzeno kantitate «kezkagarriak» atzeman ditu udalak. Tecnaliak egindako azterketa baten arabera, baliteke Iurretako industrialdean izatea jatorria Durangon usain txarrak eragiten dituen kutsadurak.
Durangon (Bizkaia) azken urteetan sumatu dituzten usain txarrak nondik datozen jakiteko, azterlan bat eskatu dio udalak Tecnaliari, eta ikerketa zentroak zenbait kutsagai atzeman ditu: bentzeno, tolueno eta estireno kantitate «kezkagarriak» izan dira Durangoko airean, udalak gaur goizean jakinarazi duenez. Ima Garrastatxu alkateak (EH Bildu) nabarmendu du bentzenoarekin daudela bereziki arduratuta, une batzuetan metro kubikoko 700 mikrogramo atzeman baitituzte: «Zabalgarbi errauste plantako kutsadura baino handiagoa da». Urteko batezbestekoen bidez ezartzen dira bentzeno mugak: airearen kalitateari buruzko legediaren arabera, urteko batez bestekoa ezin da izan metro kubikoko bost mikrogramotik gorakoa, eta Durangon 2019ko neurketek 0,58an jarri zuten batezbestekoa, baina une batzuetan metro kubikoko 700 mikrogramora heldu izanak kezka handia eragin du udal ordezkariengan. «Tecnaliako ikerlariek ez dute sekula halako balio handirik atzeman», adierazi du Garrastatxuk. OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, bentzenoa luzaroan arnastea anemiarekin eta hainbat minbizirekin lotu izan da; toluenoa eta estirenoa ere hidrokarburo aromatikoak dira, eta zenbait kalte eragin ditzakete nerbio sistema zentralean. Kutsaduraren jatorria zehazteko azterketa gehiago egin beharko liratekeen arren, Tecnaliak ondorioztatu du Durangoko ipar-mendebaldetik datorrela: «Kutsatzaile motagatik, Iurretako industrialdeko prozesu industrialetan hainbat gai erretzean gerta daiteke». Hori dela eta, Durangoko Udalak ikerketaren emaitzak igorriko dizkie Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailari eta Iurretako Udalari, eta bilera bana eskatuko die. «Elkarlanean aritzeko» deia egin du alkateak. Izan ere, Garrastatxuk gogora ekarri du aurreko udal gobernuek «ezer gutxi» egin zutela herrian aspaldi dauden usain txarren inguruan. Bide horretan, Julian Rios alkateordeak erantsi du Jaurlaritzaren neurketen arabera airearen kalitatea ona zela: «Ikerketa honek arrazoia eman digu, bai guri, bai airearen kalitateagaz kezkatuta plataforma sortu zutenei». Hain zuzen, herritarrek azterlanean izandako partaidetza txalotu du udalak: 2019ko urritik 2020ko martxora arte egin ziren analisiak, besteak beste, herriko boluntarioek emandako 40 ohartarazpen erabilita.
2020-9-24
https://www.berria.eus/albisteak/187354/van-der-breggen-munduko-txapeldun.htm
Kirola
Van der Breggen munduko txapeldun
Herbeheretarrak erlojuaren aurkako proba irabazi du Imolan (Italia), aurreneko aldiz. Chloe Dygert iazko txapelduna ari zen denbora onena egiten, baina erori egin da azkeneko kilometroetan. Lurdes Oiarbide 37. izan da.
Van der Breggen munduko txapeldun. Herbeheretarrak erlojuaren aurkako proba irabazi du Imolan (Italia), aurreneko aldiz. Chloe Dygert iazko txapelduna ari zen denbora onena egiten, baina erori egin da azkeneko kilometroetan. Lurdes Oiarbide 37. izan da.
Anna van der Breggenek lortu du falta zitzaion lasterketetako bat irabaztea: erlojuaren aurkako Munduko Txapelketa. Italiako Giroa irabazi berri du herbeheretarrak, eta gaur ere azkarrena izan da Imolan (Italia). Denbora onenetan bigarrena Marle Reusser suitzarrak egin du; 15,58 segundo atera dizkio garaileak. Azkarrenetan hirugarrena irabazlearen herrikide bat izan da, Ellen Van Dijk, 31,46 segundora. Europako Txapelketan, aurten, hirurak izan ziren ere podiumean, baina bigarren Van Dijk izan zen, eta Reusser hirugarren. Lau aldiz bigarrena izana zen Van der Breggen erlojuaren aurkako Munduko Txapelketan. Azkenekoz, iaz. Chloe Dygertek hartu zion aurrea orduko hartan, eta gaur ere bide beretik zihoan estatubatuarra. Baina ibilbideko azkeneko zatian, eroriko handia izan du, bizikletaren kontrola galdu eta hesi baten gainetik maldan behera joan baita, itzulipurdika. Lurdes Oiarbde izan da euskal txirrindulari bakarra gaurko proban, eta 37. egin du. Van der Breggenek 5.44 minutu atera dizkio.
2020-9-24
https://www.berria.eus/albisteak/187355/koronabirusa-atzemateko-txakurrak-erabiltzen-hasi-dira-finlandian.htm
Mundua
Koronabirusa atzemateko, txakurrak erabiltzen hasi dira Finlandian
Helsinkiko aireportuan hasi ziren lanean atzo animaliokin. Azterketen arabera, txakurrok kasuen ia %100 usaintzen dituzte, kutsaturiko pertsonak oraindik sintomarik garatu ez baditu ere.
Koronabirusa atzemateko, txakurrak erabiltzen hasi dira Finlandian. Helsinkiko aireportuan hasi ziren lanean atzo animaliokin. Azterketen arabera, txakurrok kasuen ia %100 usaintzen dituzte, kutsaturiko pertsonak oraindik sintomarik garatu ez baditu ere.
Rigatik (Letonia) helduriko bidaiariek ustekabe bat zuten zain atzo Helsinkiko (Finlandia) aireportuan: Susanna Paavilainen eta haren txakurra, Kossi. Ohikoa da txakurrak erabiltzea aireportuetan drogak-eta atzemateko. Baina Finlandiako hiriburuan lehen aldiz erabili dituzte COVID-19 gaitza eragiten duen birusa sumatzeko. Finlandiako Wise Nose (Sudur Zuhurra) elkarteak trebatu ditu animaliok. Bidaiaria kabina moduko batean sartzen da, eta bere lepoko azala igurzten du kotoizko makilatxo batekin, lagin bat lortzeko. Makilatxoa edukiontzi batean sartzen du. Orduan, txakurraren trebatzaileak usaintzeko ematen dio animaliari. Minutu bateko lana da. Txakurrak hamar segundoren buruan esango du bidaiariak koronabirusa duen edo ez: zaunka, etzanda jarrita edo hankarekin adierazten du positiboa. Kossi txakurra bidaiari baten lagina usaintzen. MAURI RATILAINEN / EFE Helsinkiko Unibertsitateak antolatu du sistema. Hango adituek zabaldu dutenez, laborategian eginiko probetan, animaliek ia kasu guztiak atzeman dituzte, eta PCR probek usaindu ere egiten ez dituzten kasuetan ere bai; esaterako, pertsona berriki kutsatu denean, eta sintomarik garatu baino askoz gehiago. Aireportuko agintariek esan dutenez, txakurrek birusaren 10-100 molekula baino ez dituzte behar atzemateko; laborategiko testek, 18 milioi. Txakurrak seinalaturiko bidaiariari PCR proba egiten diote, animaliaren epaia baieztatze aldera. Positiboa bada, Helsinkiko erietxe batera eramaten dute, segurtasun neurriekin. Unibertsitateko ikertzaile Anna Hielm-Bjorkmanek nabarmendu du sistema horrek aukera asko zabaltzen dituela, modu erraz, azkar eta merkea delako kutsatuak atzemateko, eta leku askotan erabili ahal delako, besteak beste kirol edo kultura ekitaldietan. Hainbat ikerketaren arabera, birusa duten pertsonen izerdia aldatu egiten da, eta txakurrak gauza dira hori usaintzeko. Europan halako sistema bat jartzen lehena da Finlandia. Beste hainbat herrialdetan ari dira antzeko sisteman garatzen.
2020-9-24
https://www.berria.eus/albisteak/187356/sei-hilabeteko-epean-bozetara-deitzea-adostu-dute-al-fatahk-eta-hamasek.htm
Mundua
Sei hilabeteko epean bozetara deitzea adostu dute Al-Fatahk eta Hamasek
Bi taldeek elkarrizketak hasi dituzte Turkian, «elkarlan nazionala» helburu. Akordioan jasotakoak Palestinako lehenengo bozak lirateke azken hamalau urteetan.
Sei hilabeteko epean bozetara deitzea adostu dute Al-Fatahk eta Hamasek. Bi taldeek elkarrizketak hasi dituzte Turkian, «elkarlan nazionala» helburu. Akordioan jasotakoak Palestinako lehenengo bozak lirateke azken hamalau urteetan.
Palestinako bi mugimendu nagusien arteko gatazkak zatitua du Palestinaren lurraldeen gaineko agintea. Al-Fatahk du Zisjordaniaren gaineko kontrola, eta Hamasek Gazarena, 2007. urteko istiluen ostean Mahmoud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak batasun gobernua desegin zuenetik. Azken urteetan hainbat saiakera egin dituzte egoera gainditzeko, baina ez dute arrakastarik izan. Bi indar palestinarrak adiskidetzeko ahaleginetan ari dira beste behin, eta elkarrizketak hasi dituzte aste honetan, Turkian. Bilkuretan lortutako lehen akordioaren berri eman dute gaur: Al-Fatahk eta Hamasek adostu dute sei hilabeteko epean hauteskundeetara deitzea. «Elkarrizketa bizia bideratu dugu Palestinaren Istanbulgo kontsulatuan, eta elkarlan nazionalerako bitartekoei buruzko ikuspegi argi bat adostu dugu, ordezkaritza proportzionaleko hauteskundeetan oinarrituta. Legebiltzarrerako hauteskundeetatik hasiko gara; presidentetzarako hauteskundeak egingo ditugu ondoren, eta Kontseilu Nazionalerako bozak azkenik», adierazi dio Jibril Rajoub Al-Fatahko idazkari nagusiak Palestinako telebista ofizialari. Akordioari garrantzia aitortu dio Saleh Al-Arouri Hamaseko buruak. «Oraingoan egiazko adostasuna lortu dugu». Haren esanetan, Palestinak ezinbestekoa du bi aldeen arteko elkarlana. «Zatiketak kalte egin die gure helburu nazionalei, eta hori amaiarazteko ari gara lanean». Posible den eremu guztietan antolatuko dituzte hauteskundeak, eta bozkatzeko baldintzarik ez dagoen tokietan ordezkaritza bermatzeko irizpideak adostu beharko dituztela azaldu du Rajoubek. Mahmoud Abbas presidenteak akordioa berresteko aldeetako idazkari nagusiak deituko dituela gaineratu du. Bilera hori astebeteko epean da egitekoa. Urteetako ezin ulertua gainditzea are beharrezkoagoa egin zaie Al-Fatahri eta Hamasi, azken hilabeteetako gertakarien harira. AEBen Ekialde Hurbilerako bake planaren, Israelen Zisjordaniarako anexio planaren eta Arabiar Emirerri Batuek eta Bahrainek Israelekin harremanak normalizatzeko sinatu dituzten itunen aurrean, «elkarlan nazionala» abian jartzeko oinarriak aztertuko dituzte bi aldeek hurrengo bileretan. «Batasun nazionala eraikitzea da akordioaren helburu estrategikoa, eta hauteskundeak dira horretarako bidea. Prozesu demokratikoa da gure sistema politikoa eraikitzeko modu bakarra», nabarmendu du Al-Fatahko idazkari nagusiak.
2020-9-24
https://www.berria.eus/albisteak/187357/mortensen-ez-baduzu-burua-ongi-fokatzeko-moduan-ez-duzu-ikusten-gauzen-potentzialitatea.htm
Kultura
Mortensen: «Ez baduzu burua ongi fokatzeko moduan, ez duzu ikusten gauzen potentzialitatea»
Atzo arratsaldean jasoko du Donostia saria aktore eta zinemagile entzutetsuak. Zuzendu duen estreinako filma ere aurkeztu du jaialdian, zeinetan aktore nagusi modura lan egin duen, Lance Henriksen ondoan: Falling. Mortensen bideo soslaia albistearen barruan.
Mortensen: «Ez baduzu burua ongi fokatzeko moduan, ez duzu ikusten gauzen potentzialitatea». Atzo arratsaldean jasoko du Donostia saria aktore eta zinemagile entzutetsuak. Zuzendu duen estreinako filma ere aurkeztu du jaialdian, zeinetan aktore nagusi modura lan egin duen, Lance Henriksen ondoan: Falling. Mortensen bideo soslaia albistearen barruan.
“Pertsonalki, eskertuta nago aitortzagatik, zoriontsu egiten nau, ni, nire familia, nire lagunak. Baina, hori baino inportanteagoa agian, sari honek zinemaren historiaren parte kontsideratzen nau, eta horrek egiten nau oso zoriontsu”. Aurtengo Donostiako Zinemaldi atipikoan banatuko den Donostia Sari bakarra jasoko du Mortensenek gaur (New York, AEB, 1958), eta halaxe agertu da prentsaren aurrean ordu gutxi lehenago, bere burua “zinemaren historiako izen handi askoren ondoan” jarri izanagatik eskertuta. “13 urterekin amak lehenengoz zinemara eraman ninduenetik nahi izan dut kontatzearen parte izatea”. Aurretik Donostiako Zinemaldian egona bada ere, fokuak inoiz ez bezala bereganatu ditu aurten Mortensenek. Zuzendu duen estreinako filma aurkeztera ere etorri da, Falling, baina, horretatik haratago, orain artean osatutako ibilbide oparoa aitortu nahi izan dio jaialdiak. Antzerkigintzan emandako lehen urratsetatik, rol gero eta garrantzitsuagoetara egindako bidea, denera hirurogehi lan ingurutan parte hartzeraino: Carlito’s Way (Brian de Palma, 1993), A History of Violence (David Cronenberg, 2005), Eastern Promises (Cronenberg, 2007), Captain Fantastic (Matt Ross, 2016) eta Green Book (Peter Farrelly, 2018) eta ikur bilakatu zuen beste The Lord of the Rings (Peter Jackson) trilogia, zeinetan Aragornen pertsonaia jokatu zuen. Saria egindako bide horri begiratzeko aitzakiatzat hartuta, “zortea” izan duela aitortu du aktoreak, baina ñabartu norberak ere baduela zerikusirik horretan. “Lan egin ahal izan dut gidoilari, zuzendari, argazkilari oso garrantzitsuekin. Rol oso onak jokatzeko zortea izan dut. Baina zortea… zorte kolpe baterako gertu egon behar du batek. Ez baduzu burua ongi fokatzeko moduan, ez duzu ikusten gauzen potentzialitatea, istorio batena, gidoi batena”. Interpretazio lanak egin du ezagun Mortensen, baina bestelako arteak ere landu izan ditu, pintura, musika, argazkigintza eta literatura bera —Perceval argitaletxe independentearen sortzaile da, esaterako, zeina artean, kritikan eta poesian espezializatuta dagoen—. Nabari zaio ikuspegi zabal hori hizketarakoan, baita zinema jartzen duela jardun guzti horren erdigunean ere. “Nire bizitza…” eta segundo batzuetako isilunea hartu du kalkulatzeko. “Nire bizitza duela 38 urtetatik dago zinemari lotuta. Ez dut besterik ezagutu. Pixkanaka horren parte izateko eta ikasten joateko desioa ez dut inoiz galdu. Kuriositate horrekin jarraitzen dut: nolakoa den gidoi bat pantailara eramateko jolas buru-hausgarri hori”. Azpimarratu du alor askotako profesionalen lana eskatzen duela horrek. "Ikusi ditut gidoi zoragarriak pantailan negargarri, eta alderantziz". Zuzendaritzan debuta Argi esan du: «Lehenago zuzendu ez badut, ez da izan saiatu ez naizelako. Ezin izan dut diru nahikorik bildu». Trukean, denbora eta eskarmentua irabazi dituela aipatu du, duela 20-30 urte egin ahal izango zituen akats batzuk hobetzeko balio izan diotenak. Zuzendu egin du Falling, baina aktore lanak, ekoizlearenak eta musikari dagozkionak ere egin ditu. Bera eta Lance Henriksen dira protagonistak filmean: Willis eta John aita-semeak, mundu ikuskera guztiz ezberdina dutenak, bata Los Angelesen eta bestea Kalifornian bizi direnak. Gidoia idazten ama hil zitzaionean hasi zen Mortensen, eta ez du ezkutatu filma zeharkatzen duen hari autobiografikoa. «Hiletan entzundakoetatik oharrak hartu nituen, nire oroitzapenen bestelako bertsioak, irudiak... Hortik sortu zen gidoirako ideia». Bi planotan eraiki du, kontakizunean oraina litzatekeena, eta aldiro tartekatutako iraganeko akorduena, non haurtzaroko etxe giroa azaltzen den. Bigarren horretan metatu du zinemagileak material biografikoena. «Helburua nire gurasoekiko sentimenduak esploratzea izan da. Eta, hala ere, fikziozko lan bat da». Ez zuen hasieran filmean agertzeko asmorik Mortensenek. Diru kontuek eragin zuten erabakian. Baita Henriksenekin aurretik zuen harremanak ere. «Berarentzat garrantzi handia zuen pertsonaiak, eta uste dut seguruago zegoela ni aurrean izanda». Filmatzen hasi aurretik dena ongi prestatzeko aukera izan zutela azaldu zuen, eta horrek erraztu zizkiola interpretatze eta zuzentze lanak bateratzea. «Gauza eder bat ere izan du: besaulkirik onena izan dut Henriksenen interpretazioa ikusteko, aurrelanean, berekin filmatzean, eta ondoren, muntatzean. Ikaragarria da egin duena». Konplexua da hark jokatu duen pertsonaia, Willisena. Adineko gizon kontserbadore bat da, misoginoa, arrazista, homofoboa —homosexuala da John—. Gizon belaunaldi bateko ordezkari izan daitekeela onartu zuen aktoreak, baina «karikaturatik» urrun eraiki duela. «Nire aita ere izan zitekeen belaunaldi horren parte; Danimarkan izandako okupazio alemanaren produktu, nekazari familia batekoa, etxean gizonak agintzen duen eredukoa. Horrek eragina izan zuen nire amarekin izan zuen jarreran». Haurren heziketa guztiz amaren esku (Hannah Gross) uzten duen gizon bat da filmean ageri dena, umeen aurrean ama zapaltzen duena. Eta, hala ere, urteetara, zaintzeko prest du semea. «Zerbait ondo ere egingo zuen ondoren semeak bera zaintzeko ardura sentitzeko, ez?», galdetu dute kazetarien artetik. «Ez», erantzuna Mortensenek. «Zerbait ondo egin zuena ama izan zen. Bera da niretzat pelikulako ardatz morala. Isilean, bera da niretzat protagonista nagusia». Komunikazioa aldarrikatuz borobildu du: «Errazena halako jarreren aurrean harremana moztea da; zailena, saiatzea. Baina egiten ez bada, ez goaz inora. Gizakiak gara, eta handiagoak izan behar dugu, zentzu guztietan».
2020-9-24
https://www.berria.eus/albisteak/187358/bigarren-euskaraldiaren-bideoklipa-estreinatu-dute.htm
Gizartea
Bigarren Euskaraldiaren bideoklipa estreinatu dute
Broken Brothers Brass Band & The Blackbirdsek egin dute, Ion Celestinoren musikarekin, eta hitzak, Sustrai Colinak.
Bigarren Euskaraldiaren bideoklipa estreinatu dute. Broken Brothers Brass Band & The Blackbirdsek egin dute, Ion Celestinoren musikarekin, eta hitzak, Sustrai Colinak.
Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan. Erritmo bizia edukiko du aurtengo Euskaraldiak. Horren bideoklipa aurkeztu dute gaur. Broken Brothers Brass Band & The Blackbirdsek egin dute, Ion Celestinoren musikarekin, eta, hitzak Sustrai Colinak ondu ditu. Iruñeko euskalgintzako jende ezagun ugarik hartu du parte grabaketan. Aurreko Euskaraldiko bideo klipa Hartu kontrola, aukera rola lelopean grabatu zuten. Orduan Maddalen Arzallusek eta La Basuk egin zituzten hitzak, eta azken horrek Ines Osinagarekin jarri zion ahotsa. Musika Las Tea Party disko jartzaileek sortu zuten.
2020-9-25
https://www.berria.eus/albisteak/187391/emakume-bat-hil-da-auto-istripu-batean-ontildeati-parean.htm
Gizartea
Emakume bat hil da auto istripu batean, Oñati parean
Kamioi batekin talka egin du GI-2630 errepidean, goizeko zortziak baino lehen. LAB sindikatuaren arabera, lan istripua izan da, hildakoa irakaskuntzako langilea zelako, eta lanera zihoalako.
Emakume bat hil da auto istripu batean, Oñati parean. Kamioi batekin talka egin du GI-2630 errepidean, goizeko zortziak baino lehen. LAB sindikatuaren arabera, lan istripua izan da, hildakoa irakaskuntzako langilea zelako, eta lanera zihoalako.
Emakume bat hil da gidatzen zuen autoaren eta kamioi baten arteko talkaren ondorioz. Gaur goizeko 7:55 baino lehen gertatu da istripua, GI-2630 errepidean, Oñati parean (Gipuzkoa). Kamioiaren gidaria Arrasateko (Gipuzkoa) erietxera eraman dute. Ertzaintza eta osasun zerbitzuak bertaratu dira, baina ezin izan dute ezer egin gidariaren bizia salbatzeko, eta bertan hil da. Errepidea moztuta dago bi norabideetan, eta auto pilaketa gutxi batzuk ere sortu dira. LAB sindikatuak ohar bat zabaldu du arratsaldean, istripuaren inguruan. Azaldu dutenez, emakumea Oñatiko Zuazola-Larraña BHIko langilea zen, eta eskolara bidean pairatu du istripua. Beraz, ezbeharra lan istriputzat hartu du sindikatuak. «Aurten 48 dira hildako langileak, eta Joaquin Beltranek desagertua jarraitzen du Zaldibarko zabortegian». LABek «elkartasuna eta babesa» helarazi die hildakoaren senide eta lankideei. «Gaur gertatutakoa ez da berria, urtero errepikatzen baitira istripuak in itinere [bidean]. Argi dago administrazio publikoen arduradunek ez dutela langileekiko duten utzikeria gainditu eta langileon baldintzak duintzeko neurririk hartu nahi». Lan istripuak «prekarizazioaren» eta «behin-behinekotasunaren» emaitza direla nabarmendu dute.
2020-9-25
https://www.berria.eus/albisteak/187392/bpgak-10eko-gainbehera-izango-duela-aurrekusi-du-eusko-jaurlaritzak.htm
Ekonomia
BPGak %10eko gainbehera izango duela aurrekusi du Eusko Jaurlaritzak
2020rako aurreikuspena 1,4 puntu okertu du Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak, baina 2022rako susperraldi hobea aurreikusi du: %8,9.
BPGak %10eko gainbehera izango duela aurrekusi du Eusko Jaurlaritzak. 2020rako aurreikuspena 1,4 puntu okertu du Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak, baina 2022rako susperraldi hobea aurreikusi du: %8,9.
Espero zen Eusko Jaurlaritzak aurreikuspen ekonomikoak aldatuko zituela, errealitatea uste baino okerragoa izaten ari baita udako sasoian jarduera ekonomikoari dagokionez ere. Hala, Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak jakinarazi du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomia, bere osotasunean hartuta, %10,1 uzkurtuko dela 2020an. Ekainean %8,7ko gainbehera aurreikusi zuen sailak. Eroriko handiagoa denez, 2021erako espero duten susperraldia ere handiagoa litzateke. %8,9ko hazkundea aurreikusi du Ekonomia Sailak. Ekainean, %6,7ko hazkundea finkatu zuen 2021erako. «Susperraldi handiago hori 2020an izango den eroriko handiagorekin dago lotua» azaldu du Azpiazuk. «Ekonomiarentzat ohiko urte bat aparteko urte batekin alderatzean» ateratzen da susperraldi handiagoa. Gauzak horrela, Jaurlaritzaren hiru lurraldeak ez dira 2022ra arte itzuliko ekonomiak 2019an zuen mailara. Enpleguaren alorrean antzeko bidea egingo du langabezia tasak. %11,2koa izango da aurtengo bukaeran, eta horrek esan nahi du 30.000 enpleguren galera izango dela, baina 2021erako 15.100 sortuko direla aurreikusi du Ekonomia Sailak, eta horrek %10,7ko tasa utziko luke EAEn. Edonola ere, enpleguaren aurreikuspena 2020rako 2,5 puntu hobetu du Lakuak. Iragan uztailean, urte arteko tasan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPGa %20,1 apaldu zela jakinarazi zuen Ekonomia Sailak, eta langabezia %19,8; aldagai guztien ikerketa zorrotzago bat egin ondoren, Eustat euskal estatistika institutuak arindu egin ditu datu horiek azken egunetan. BPGari dagokionez, %19,5eko jaitsiera egon da ekainetik ekainera; langabezian, berriz, aldea handiagoa da: %17,2koa. Horiek horrela, BPGa %16,4 jaitsi da bigarren hiruhilekoan, itxialdiaren aroan alegia, eta langabezia tasa %14,3 igo. Ikusteko dago nolako eboluzioa dagoen hirugarren hiruhilekoan, ekainetik irailerako epealdian alegia. Horrek islatuko du zenbatekoa izan den udako susperraldia, edo zenbatekoa izan den udako koronabirus agerraldien zama ekonomia. Aldi baterako erregulazioak eta kimu berdeak Jaurlaritzak gaur ezagutarazi duen taula makroekonomikoak uste argi batean du oinarri nagusia: ez da beste konfinamendurik izango. Usteak erdia ustel gertatuko balira aldaketa sakonak egin beharko lituzketela aitortu du Azpiazu sailburuak. «Gure hipotesia hau da: ez da beste konfinamendurik izango. Ez balitz horrela, beste agertoki batean geundeke». Azpiazuk gogoratu du aldi baterako enplegu erregulazioan 188.500 langile egon zirela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta abuztu bukaeran 30.000 baino zertxobait gehiago zirela. Ekonomiaren jarduera neurtzen duen termometroak, abuztuan, 35,5eko puntuazioan dagoela esan du, eta oraindik «atzeraldi sendoa» dagoela, baina erakusle horrek lau hilabete egin du hobera, apur bat hobera; hori ere azpimarratu du Azpiazuk. «Zuhurtzia guztiarekin, egoera larria delako, baina badira hainbat erakusle esan digutenak susperraldi ekonomikoa hasi dela». Dena den, azken hamarkadetako zulorik sakonena dela ez du ezkutatu sailburuak, eta aurrera ateratzeko «elkarlana eta denen aliantza irmoak» beharko direla erantsi du. Datorren urtean susperraldi sendo bat espero dela eta, Azpiazuk, «aholku orokor gisa», enpresei eskatu die «ahalik eta enplegu gutxien suntsitzeko» eta, ahal den neurrian, erabakiak «langileekin kontsentsu handiena lortuz» hartzeko. Egungo argazkiari erreparatuz, barne kontsumoak %10,8ko jaitsiera izan duela zehaztu du, hori dela zama handiena, baina esportazioek ere behera egin dute. Gastua igo den alor bakarra administrazio publikoarena izan da: %3,8 igo du gastu hori. Sektoreka, industria da gehien sufritzen ari dena, Azpiazuk jesan duenez. %14 gainbehera izan du sektore horren balio erantsiak. Harekin batera, zerbitzuek ere beherakada latza izan dute, %9koa. Bilketa, bide beretik Eta nola eragiten ari da hau guztia ogasunen bilketan? Bada, askoz gutxiago ari dira biltzen, ezaguna denez, baina gainbehera ez da %20koa izango 2020ko bukaeran, aurreikuspenak betetzen badira. Izan ere, Urriaren 15ean egingo duten Finantzen Euskal Kontseiluan «zertxobait» hobetuko dute %20ko beherakadaren aurreikuspen hori, Azpiazuk azaldu duenez. Dena den, gainbehera handia izango du bilketak, eta zorpetzera behar bezain beste jo beharko dutela argi esan du berriro sailburuak.
2020-9-25
https://www.berria.eus/albisteak/187393/zaporeak-janari-bilketa-handi-bat-egiten-hasi-da.htm
Gizartea
Zaporeak janari bilketa handi bat egiten hasi da
Janari bilketaren helburua Morian dauden errefuxiatuei laguntzea da.
Zaporeak janari bilketa handi bat egiten hasi da. Janari bilketaren helburua Morian dauden errefuxiatuei laguntzea da.
Euskal Herri osoan janari bilketa handi bat egiten hasi da Zaporeak elkartea. Morian (Grezia) dauden errefuxiatuei laguntzea du helburu, eta gaur eta bihar egingo dute. Euskal Herriko hainbat herritan ezarri dituzte janaria jasotzeko lekuak. Larrialdi egoerari «tamainako erantzuna» eman behar zaiola eta, hainbat produktu eskatu ditu Zaporeak elkarteak: arroz luzea, txitxirioak, dilistak, babarrunak, makarroiak, latako atuna eta sardinak, espeziak, oliba olioa, esne hautsa... Irailaren hasieran, sua piztu zen Lesbos uharteko Moriako kanpamentuan, eta haiei lagundu nahi die Zaporeak-ek. «Irailaren 8an Moriako errefuxiatuen esparruan gertaturiko sutearen ondorio latzak ikusita, Zaporeak-ek larrialdiko janari bilketa antolatu du Euskal Herriko herrialde guztietan», azaldu dute, ohar bidez. Elkartearen hitzetan, une hartan, 13.000 errefuxiatu zeuden han bizitzen, eta, bat-batean, errepide bazterretan bizitzera igaro ziren. Egoera horretan, inoiz baino otordu gehiago prestatu behar izan zituztela nabarmendu dute. Kanpalekua berreraiki dutenean ere, beharrak ez direla desagertu ziurtatu dute: «Larrialdi egoera honetan, Zaporeak-eko sukaldeak eta lantaldeak lanean dihardu, unean uneko beharrizanak identifikatzeko eta horiei erantzun bat eman ahal izateko». Janari bilketa ez da izango Zaporeak-ek errefuxiatuei laguntzeko antolatutako lehen ekintza. Joan den larunbatean, esaterako, elkartearen aldeko «larrialdi» ekitaldi bat antolatu zuten.
2020-9-25
https://www.berria.eus/albisteak/187394/urkulluk-10000-milioiko-programa-bat-iragarri-du-galdutako-enplegua-berreskuratzeko.htm
Ekonomia
Urkulluk 10.000 milioiko programa bat iragarri du galdutako enplegua berreskuratzeko
Zatirik handiena Europako diru laguntzetatik jasotzea espero du. Irizpideak argitzeko, Espainiako Gobernuarekin bilduko da datorren hilabetean.
Urkulluk 10.000 milioiko programa bat iragarri du galdutako enplegua berreskuratzeko. Zatirik handiena Europako diru laguntzetatik jasotzea espero du. Irizpideak argitzeko, Espainiako Gobernuarekin bilduko da datorren hilabetean.
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Euskadiko Berreraikuntza Ekonomikorako eta Sozialerako Programa iragarri du. Lau urtekoa izango da eta gobernuak 10.000 milioi euro bideratutako ditu COVID-19aren krisia dela-eta galdutako enplegua berreskuratzeko eta 135.000 lanpostu sustatzeko. Urkulluk Elkargiko bazkideen Batzar Orokorraren irekieran egin du iragarpena, ostiral honetan. Astearteko Gobernu Kontseiluan aurkeztuko du egitasmoa. Datozen la urteetako Jaurlaritzaren aurrekontuetan jaso beharko dira horretarako diru sailak. Urkulluk ez du argitu diru horien jatorria zein izango den, baina Europako diru laguntzetan jarri du begirada. Lehendakaritzak programa koordinatuko du Idoia Mendia buru duen Enplegu Sailarekin eta Arantxa Tapiaren Ekonomiaren Garapenerako sailarekin, eta hiru foru aldundiekin eta udalekin «partekatuko» du, Eudelen bidez; eragile ekonomiko eta sozialen ekarpenei irekita egongo dela azaldu du Urkulluk. Programa hori finantzatzeko iturri nagusiak bi izango dira. Batetik, baliabide propioak. Hortik arazo gehiago izan ditzake, zerga bilketan foru ogasunek izaten ari diren jaitsiera dela medio -iazkoaren aldean, %20 gutxiago batez beste-. Hala, egungo inbertsioei eutsi eta berriak egiteko, Jaurlaritzak ezinbestekoa izango du gehiago zorpetzea eta defizit muga handitzea: hori %2,6 izatea adostu zuen Espainiako Gobernuarekin uztail amaieran, eta zifra hori berrikusteko aukera zabalik utzi zuten. Bestetik, Europako Batasunaren Next Generation diru laguntzak aipatu ditu lehendakariak. Horri begira, azaldu du datorren hilabetean Espainiako Gobernuarekin biltzea espero duela, Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoan, funts horretatik finantzazioa lor dezaketen proiektuak hautatzeko irizpideak argitzeko. Madrilen oniritziaren menpe Espainiako Estatuak 60.000 milioi euro jasoko ditu datozen biurteetan Europako plan horretatik. Jaurlaritzaren asmoa da bere programaren zati handiena hortik lortzea. Espainiako ekonomiaren %6 inguru da Arabakoa, Bizkaikoa eta Gipuzkoakoa: irizpide horren arabera, 3.600 milioi legozkioke Euskal Autonomia Erkidegoari. Baina Moncloak izango du azken hitza erkidegoek aurkezten dituzten proiektuei buruz. Izan ere, funtsak ez dira kuota autonomikoen arabera banatuko; finalistak dira eta Madrilek onartutako proiektuetara doaz. Baina horretarako irizpideak ez daude batere argi, lehendakariaren arabera. Kritika bera egin du orain gutxi Pedro Azpiazu Ekonomia sailburuak ere. Kudeaketa Espainiako Gobernuaren aurrekontuen bidez egingo da. Datorren urtean Next Generation planetik 20.000 milioi euro lortzea espero du Espainiako Gobernuak. Eta beste 23.000, 2022an. Baina horretarako ezinbestekoa da Europak egokitzat jotzea aurkeztutako proiektuak. Funts horiek entregatzeko, Bruselak lehenik egiaztatu behar du proiektuak martxan daudela eta Batzordearekin hitzartutako baldintza batzuk betetzen ari direla, hala nola lizitazio bat hasi izana. Eta gerta daieke proiekturen batek aurreikusi bezala aurrera egiten ez badu, Bruselak ordainketa atxikitzea. Proiektuak aurkezteko deia Ordainketak, beraz, atzeratu daitezkeela abisatu du Espainiako Gobernuak, eta horixe bera ohartarazi du Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak, ostiral honetan, Bilbon eginiko foro ekonomiko batean Diru laguntza horien banaketaren inguruan «zalantzak» daudela onartu du sailburuak, eta nabarmendu du susperraldi ekonomikoa ez dela funts horien menpe utzi behar, eta ez dela krisitik ateratzeko «modu bakarra» izango. Europako diru laguntzak «ahalik eta ondoen» baliatu behar direla azpimarratu du. Helburua izan behar dela industria eta enpresak eraldatzea, eta enplegua sortzea. Jakinarazi du jada «proiektu garrantzitsu batzuk» jaso dituztela, besteak beste, krisian dauden sektore eta konpainiak batzuetakoak, automobilgintza eta aeronautikakoak, besteak beste. Arlo horietan egitasmoak onartzeko aukera ugari ikusten ditu Tapiak. «Enpresak proiektu garrantzitsuak prestatzen ari dira, batzuek jada aurreikusita zituzten inbertsioak egiteko; beste batzuek, epe luzeagorako aurreikusita zuten eraldaketa egiteko inbertsioak aurreratzeko». Sailburuak proiektuak lantzeko deia egin die enpresei, eta lehenbailehen egiteko hori, ez itxaroteko ekonomiaren susperraldia nabaritu arte. ELA: «Propaganda hutsa» Mikel Noval ELAko batzorde exekutiboko kidearen ustez, lehendakariaren iragarpena «propaganda hutsa» da. Iragarritako inbertsioaren kopuruari buruz, Jaurlaritzari galdetu dio ea nondik lortuko dituen 10.000 milioi euroak, diru bilketa behera egiten ari denean, defizitaren muga «nahikoa ez» denean eta Europako funtsekin gertatzen denaren menpe dagoenean. Novalen ustez, «argi» dago erantzuna: egun indarrean dauden planen eta diru sailen batura bat baino ez da plana, legealdi osora zabalduta, «lau aldiz biderkatuta». «Alegia, euro berririk ere ez. Are gehiago, badirudi murrizketak izango direla, eta horrek enplegua galtzea ekarriko duela».
2020-9-25
https://www.berria.eus/albisteak/187395/salatu-dute-mendekotasuna-artatzeko-zentroak-ez-direla-leku-seguruak.htm
Gizartea
Salatu dute mendekotasuna artatzeko zentroak ez direla “leku seguruak”
Erabiltzaile eta langileentzat leku "ez-seguru" gisa definitu dituzte egoitzak, eta informazio falta salatu dute Lehendakaritzaren eta foru aldundien aldetik. Neurriak hartu ezean urrian mobilizazioei ekingo dietela adierazi dute.
Salatu dute mendekotasuna artatzeko zentroak ez direla “leku seguruak”. Erabiltzaile eta langileentzat leku "ez-seguru" gisa definitu dituzte egoitzak, eta informazio falta salatu dute Lehendakaritzaren eta foru aldundien aldetik. Neurriak hartu ezean urrian mobilizazioei ekingo dietela adierazi dute.
Ospitaleratutako pertsonei emandako arretan gabeziak areagotu direla eta horrek langileen “lan karga eta ezintasun sentsazioa” larriagotzen dituela salatu dute Babestuk, Gipuzkoako Senideak-ek, Irauli Zaintzak, Arabako egoitza eta eguneko zentroetako erabiltzaileen senitartekoek, eta EAEko Pentsiodunen Mugimenduak. Langile falta dagoela ere adierazi dute; horrek eta zentro askotan ezartzen ez diren prebentzio neurriek kutsatzeak eta heriotzak areagotu dituztela, pandemiaren kalteak “bigarren aldiz ordainaraziz”. Lehendakaritzarekin eta foru aldundiekin kexu agertu dira. Lehendakariak edo ahaldun nagusiek azalpen publikoak ematea exijitu dute, “jakiteko eskubidea” aldarrikatuz; egindako gauza onak eta txarrak identifikatu eta hobetu ahal izateko. Bestalde, Lehendakaritzak hildakoen omenez antolatutako ekitaldian beraiekin harremanetan jarri ez izana kritikatu dute. Administrazioari eskatu diote neurriak hartzeko, “zentro seguruak eta duinak izan daitezen eta zaintzaileen lana duina izan dadin”. Horren alde borrokatuko direla adierazi dute, eta, neurririk ezarri ezean, mobilizazioei ekingo dietela berriro urrian. Mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu diete gizarte mugimenduei; emakumeei, gazteei eta sindikatuei batez ere.
2020-9-25
https://www.berria.eus/albisteak/187396/bihar-hasiko-da-loraldia-festibala-pandemiagatik-eten-eta-sei-hilabetera.htm
Kultura
Bihar hasiko da Loraldia festibala, pandemiagatik eten eta sei hilabetera
'Loraldia Udagoiena' izenpean, urriaren 22ra arte izango da jaialdia. Hainbat diziplina, formatu eta motatako ekitaldiak prestatu dituzte. 'Streaming' bidez ere eskainiko dira saio berezi batzuk.
Bihar hasiko da Loraldia festibala, pandemiagatik eten eta sei hilabetera. 'Loraldia Udagoiena' izenpean, urriaren 22ra arte izango da jaialdia. Hainbat diziplina, formatu eta motatako ekitaldiak prestatu dituzte. 'Streaming' bidez ere eskainiko dira saio berezi batzuk.
Osasun larrialdiaren ondorioz, abiatu eta gutxira, Loraldia festibalaren seigarren aldia gelditu behar izan zuten antolatzaileek. Hala, sormenean oinarritutako kultur jaialdiak bertan behera utzi zituen udaberriarekin batera Bilbon loratzekoak ziren ekitaldi guztiak. Geroztik, ordea, Loraldia kultur elkarteko kideak ez dira geldirik egon, eta eutsi egin diote euskal kulturaren proposamen berritzaileenak plazaratzeko asmoari. Horregatik, behin segurtasun neurriak arazorik gabe bete ahalko direla bermatu ostean, martxan jarri dute berriz ere aurtengo festibala. Udagoienean loratzen da lemapean, bihar bertan abiatuko da aurtengo festibal berezia, Bilboko Itsasmuseumen, Iñigo Astizek eta Mikel Ayerbek eskainiko duten Högeitavat mendeko emanaldi poetikoa poesia performancearekin. Egitaraua urriaren 22ra arte luzatuko da, eta diziplina anitz, askotariko formatuak eta hainbat motatako ekintzak bilduko ditu. Besteak beste, Loraldia Udagoiena udazkeneko aldian, teatroa, dantza, musika, literatura, artea eta bertsolaritza egongo dira gozagarri. Osasun larrialdira egokitzeko hartutako neurri berezien artean, gainera, Loraldia festibalaren antolatzaileek hiru eguneko esperientzia digitala txertatu diote aurtengo aldiari. Osasun krisia dela eta, Loraldia Udagoiena jaialdiko ikuskizunak mugatuta egongo dira, batez ere edukierari eta pertsonen arteko harremanari dagokionez. Muga horiei aurre hartu ahal izateko, ohiko zuzeneko ikuskizunez gain, Esperientzia digitala izeneko proposamena garatu du Loraldia Kultur Elkarteak. Teknologia baliatuz, streaming bidezko ekintza eta ikuskizunen emankizuna baino gehiago izango diren hiru egitasmo antolatu ditu; Loraldiaren eta EITBren webguneen bidez ikusi ahalko dira. Abantaila gehiago Kanta batek mundua eralda dezake? izenburupean eskainiko den solasaldi musikatua izango da lehenengoa, urriaren 4an. Bertan, Noan Chomskyren manipulazio mediatikoaren hamar estrategiak abiapuntu hartuta, Harkaitz Cano, Petti eta Ana Galarraga musikak duen indar eraldatzaileaz ariko dira. Bigarrena lau egun beranduago izango da, urriaren 8an: Alos Quartet taldeak, beste musikari batzuez lagunduta, dantza eta musika uztartuko dituen ikuskizun bat eskainiko du. Azkenik, urriaren 18an izango diren Mikel Urdangarinen solasaldia eta kontzertua ere egongo dira ikusgai streaming bidez. Antolatzaileen ustez, bide digital horiek edukiera mugak ezartzen duen baino jende gehiagorengana heltzeko aukera emango dute, eta, sare sozialen bidez, esperientzia hori publikoaren ekarpenekin osatuko dute. Aurten, gainera, festibalaren komunitatea osatzen duten lorazainen figura indartu nahi izan dute antolatzaileek. Norbanako horiek deskontu bereziak izaten dituzte jaialdiko sarreretan. Udazkeneko aldi berezian, ordea, haiei zuzendutako abantaila gehiago izango dira. Alde batetik, edukiera txikia izanda, salmenta lehenetsia izango dute lorazain guztiek. Horrekin batera, urriaren 17an ospatuko den Lorazain Egunerako doako sarrera izango dute, eta esperientzia digitaleko saio bitan aretoan egongo dira. EGITARAU Irailak 26 20:00. Högeitavat mendeko emanaldi poetikoa. Bilboko Itsasmuseumen. Irailak 30 19:30. Xabier Berasaluze, Leturia Tarrapatan. Pandero baten ibilbidea. Bilboko Itsasmuseumen. Urriak 1 20:00. Lurrun minez antzerkia. La Fundicionen. Urriak 2 20:00. Lurrun minez antzerkia. La Fundicionen. Urriak 4 12:30. Manipulazio Estrategiak. Bilboko Guggenheim museoan. 17:30. Kanta batek mundua eralda dezake? Solasaldia eta hainbat kanta. Bilboko Guggenheim museoan. Streaming bidezko ekintza. Urriak 7 19:30. Iñaki Soto: Suak pizten direnean liburuaren aurkezpena. Bilboko Itsasmuseumen. Urriak 8 19:30. Alos Quartet. XX urte. Azkuna Zentroan. Streaming bidez ere bai. Urriak 9 20:00. Diagonalean Zehar. Mizel Theret. La Fundicionen. Urriak 10 19:30. Hariak. Bilboko Itsasmuseumen. Urriak 11 12:30. Zaharkitze programatua. Bilboko Guggenheim museoan. Urriak 14 19:30. Nola gorde errautsa kolkoan eztulik gabe. Bidebarrieta liburutegian. Urriak 16 19:30. Dylan dosia. Bidebarrieta liburutegian. Urriak 17 20:30. Muda. Bilboko Itsasmuseumen. Urriak 18 12:30. Mikel Urdangarin solasaldian. Streaming bidez. 19:00. Mikel Urdangarin. Euskalduna jauregian. Urriak 22 19:30. Muga. Euskararen Etxean.
2020-9-25
https://www.berria.eus/albisteak/187397/sindikatuek-egoera-larriari-aurre-egiteko-premiazko-neurriak-eskatu-dizkiote-osakidetzari.htm
Gizartea
Sindikatuek «egoera larriari aurre egiteko premiazko neurriak» eskatu dizkiote Osakidetzari
Osasun langileek elkarretaratzeak egin dituzte ospitaleen atarian, ELA, SATSE, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek deituta. Urriaren 3an Bilbon egingo duten manifestazioan parte hartzera deitu dute.
Sindikatuek «egoera larriari aurre egiteko premiazko neurriak» eskatu dizkiote Osakidetzari. Osasun langileek elkarretaratzeak egin dituzte ospitaleen atarian, ELA, SATSE, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek deituta. Urriaren 3an Bilbon egingo duten manifestazioan parte hartzera deitu dute.
Osasun langileek elkarretaratzeak egin dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleen atarian, ELA, SATSE, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek deituta, «egoera larriari» aurre egiteko «premiazko neurriak» eskatzeko. «Osakidetzako ospitaleetako langileek haserre eta gogaituta daudela adierazi dute gaur, jasaten duten lan gainkarga sistematikoarengatik, egunerokoan pairatzen duten giza baliabide eta baliabide materialen faltarengatik eta pandemian jasandako muturreko lan baldintzengatik», azaldu dute sindikatuek ohar batean. Gaur ospitaleen atarian egindako protestak ez dira osasungintzako langileek egindako lehenengoak. Joan den ostiralean, lehen arretako zentroen aurrean bildu ziren, «sakoneko arazoei» heltzeko eskatuz. Sindikatuen hitzetan, COVID-19aren aurretik ere bazeuden egiturazko arazoak daude, baina «larritu» egin dira, «[Eusko Jaurlaritzako] Osasun Sailak ez baitu borondaterik izan sakoneko arazo horiei heltzeko». Azken urteetan izandako arazoei egotzi diete gaur egun duten egoera: «Azken urteetako murrizketa politikak eta osasun sistemaren pixkanakako ahultzea izan dira koronabirusari emandako erantzuna benetan oztopatu dutenak, eta egunerokoan ere langileek beren lana muturreko baldintzetan egin behar izatea eragin dutenak». Besteak beste, osasun publikoan inbertsiorik eza, behin-behinekotasun handia, «lan gainkarga sistematikoa», giza baliabide eta baliabide materialen gabezia, lan baldintzen murrizketa, zerbitzuen pribatizazioa eta abar salatu dituzte. Gainera, nabarmendu dute «pandemiaren unerik latzenetan» egoera hori okerragoa izan zela: babes neurrien «falta kezkagarria», lan karga «onartezinak», estres fisikoa eta emozionala, oinarrizko lan eskubideak «mugatzea edo ezabatzea»... Ez dira azkenak izango Azken egunetan Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak «asmo oneko» adierazpenak eta lau urtera begirako neurri posibleak iragarri dituela onartzen badute ere, sindikatuek ohartarazi dute Osakidetzak «berehalako irtenbideak» behar dituela: «Ildo horretan, berehalako urratsak egin behar dira; horrela ez bada, mobilizazioak areagotuko ditugu». Aurreratu dute mobilizazio horietako bat zein izango den: urriaren 3an manifestazioa egingo dute Bilbon, 12:00etan, Jesusen Bihotzetik abiatuta.
2020-9-25
https://www.berria.eus/albisteak/187398/positibo-gutxiago-atzeman-dira.htm
Gizartea
Positibo gutxiago atzeman dira
Beste 679 detektatu dituzte Hego Euskal Herrian, eta apaldu egin da ospitaleratuen kopurua: 42 lagun sartu dituzte erietxean azken egunean. 72 gaixo daude ZIUetan. Gizonezko bat hil da Nafarroan.
Positibo gutxiago atzeman dira. Beste 679 detektatu dituzte Hego Euskal Herrian, eta apaldu egin da ospitaleratuen kopurua: 42 lagun sartu dituzte erietxean azken egunean. 72 gaixo daude ZIUetan. Gizonezko bat hil da Nafarroan.
Hegoaldeko lau lurraldeetan murriztu da egun bakarrean atzemandako positiboen kopurua; guztira, 697 probatan detektatu dute birusa. Nafarroan izan dira positibo gehien; zehazki, 314. Datuak lurralde horretan dira kezkagarrienak, baina kasu kopuruak behera egin du bigarren egunez jarraian: kasuek goia jo zuten asteartean, 421 erregistratuta. Ordutik, positibotasun tasak behera egin du. Gainera, gero eta PCR proba gehiago ari dira egiten egunetik egunera lurralde horretan. 3.799 egin dituzte egun bakarrean. Horien guztien %8,2k eman dute positibo. Hegoaldeko gainerako lurraldeei dagokienez, 159 kasu detektatu dituzte Bizkaian, 141 Gipuzkoan, eta 70 Araban. 9.118 test egin dituzte azken egunean hiru lurralde horietan, eta, zehazki, %4,2koa da positibotasun tasa. Halaber, Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, koronabirusarekin eri zen pertsona bat hil da azken egunean foru erkidegoan. 71 urteko gizonezko bat da hildakoa. Bestalde, gutxitu egin dira ospitaleratuak. Osakidetzak eta Osasunbideak jakinarazi dutenez, azken egunean 42 pertsona erietxeratu dituzte haien ardurapeko ospitaleetan, aurreko egunean baino bederatzi gutxiago. Oraintxe bertan, 491 lagun daude Hegoaldeko ospitaleetan, eta horietatik 72 ZIUetan daude.
2020-9-25
https://www.berria.eus/albisteak/187399/justizia-klimatikoaren-aldeko-mobilizazioak-egin-dituzte.htm
Gizartea
Justizia klimatikoaren aldeko mobilizazioak egin dituzte
Justizia klimatikoa krisi guztiak amaiarazteko lelopean, Fridays For Future mugimenduak protestak antolatu ditu hainbat herrialdetan. Hego Euskal Herriko hiriburu guztietan egin dituzte elkarretaratzeak.
Justizia klimatikoaren aldeko mobilizazioak egin dituzte. Justizia klimatikoa krisi guztiak amaiarazteko lelopean, Fridays For Future mugimenduak protestak antolatu ditu hainbat herrialdetan. Hego Euskal Herriko hiriburu guztietan egin dituzte elkarretaratzeak.
Justizia klimatikoa krisi guztiak amaiarazteko: hori zen Fridays For Future gazte mugimendu ekologistak gaurko deitu dituen protestetarako hautatutako leloa; irailaren 25a Klimaren Aldeko Ekintza Globalaren Eguna da, eta mobilizazioak egin dituzte, gutxienez, 24 herrialdetan. Donostian elkarretaratzea egingo dute 18:00etan, Bilbon ordu erdi geroago, eta Gasteizen eta Iruñean 19:00etan. Hegoaldean, FFFk Alianza por el Climak taldeak 2020: Rebelión por el Clima-rekin batera antolatu ditu mobilizazioak. «Atzerako kontaketa hasi da» mezua zuen kartoi batekin adierazi du gazte batek, Bilbon, klima larrialdia, eta mobilizazio hauen lelo klasiko bat erakutsi dute pankarta nagusian: «Ez dago B planetarik». Ekintza deszentralizatuak antolatu dituzte eta «segurtasun neurri oso zorrotzak» errespetatuko zituztela agindu zuten antolatzaileek. Funtsezko elementutzat jo dute protesta, «gaur egungo egoera larria izan arren ez dagoelako konpromisorik larrialdi klimatikoarekiko». Gipuzkoako FFFk atzo jakinarazi zuen euren deialdiarekin bat egin zutela Larreko Mahaia plataforma ekologistak, Errausketaren Aurkako Mugimenduak, Ernaik, Gipuzkoako Extinction Rebelionek eta Surfriderrek. Ikastetxeetan ez dute greba deialdirik egin aurten, baina haietara mezu bat bidali dute gaur gaiaz hitz egiteko egin ditzaketen jarduerekin. Berlingo manifestazioaren irudi bat. HAYOUNG JEON / EFE Milaka gaztek hartu dute parte munduko hiri nagusietan eginiko protestatan, Tokiotik, Berlineraino. Alemaniako hiriburuan bizikleta martxa bat egin dute. Antolatzaileen arabera, 200.000 pertsona atera dira kalera herrialdean. Mugimenduko aktibista famatuena. Greta Thunberg Stockholmeko manifestazioan izan da, Suedian. Greta Thumberg mugimenduaren sortzailea, gaurko protestan, Suediako hiriburuan. Lana eta larrialdi klimatikoa Manifestu bat plazaratu du mugimendu ekologistak, euren protestaren arrazoiak zehatz-mehatz azaltzeko; azaldu dute zergatik den «etorkizuneko borroka» inoiz baino garrantzitsuagoa. Aurtengoa inoizko udarik beroena izan da ipar hemisferioan, eta mugimenduak dio gizartearen ardatz estruktural batzuk aldatu behar direla tenperatura globala 1,5 gradu baino gutxiago igotzeko. Arreta jarri dute «larrialdi klimatikoaren aurrean lanak duen funtsezko eginkizunean». Manifestuan aipatzen dituzten ardatz estruktural horietako batzuk dira turismoa, zaintzak eta sektore publikoa: «Pertsonak baztertu eta planeta suntsitzen duen sistema hau alde batera utzi behar dugu, justizia sozial eta klimatikorantz bidali, hala erdigunean kolektibo ahulenak kokatu eta bizitza duin baterako eskubidea bermatzeko». Gainera, gehitu dute COVID-19ak eragindako krisiak dardara eginarazi diela «kolapsatzeko zorian dagoen» sistema ekonomiko baten oinarriei: «Zerbitzu publikoak prekarizatzen dituen eta desberdintasunak eratzen dituen sistema neoliberal bat da, lurraldearen eta pertsonen esplotazioan oinarritzen dena». FFFren iritziz, koronabirusa ez da krisi sistemiko sakon baten kausa, ondorioa baizik. Larrialdi klimatikoaren gaiak zeresana eman du azken hilabeteetan —eta emango du aurrerantzean—, eta BERRIAn hainbat kazetarik eta zutabegilek idatzi dute gaiaren adar bati edo besteari buruz: biodibertsitatearen galerari buruz, artikoko izotzen urtzeari buruz, CO2 isuriei buruz eta justizia klimatikoaren aldeko borrokaren erronkei buruz.