date
stringdate
2012-09-20 00:00:00
2023-12-01 00:00:00
url
stringlengths
47
182
category
stringclasses
10 values
title
stringlengths
3
140
subtitle
stringlengths
0
1.17k
summary
stringlengths
5
1.18k
text
stringlengths
2
35.8k
2020-8-31
https://www.berria.eus/albisteak/186235/libanoko-parlamentuak-mustafa-adib-aukeratu-du-lehen-ministro.htm
Mundua
Libanoko Parlamentuak Mustafa Adib aukeratu du lehen ministro
Adib Libanoko enbaxadorea izan da Alemanian 2013. urtetik, eta babes zabala lortu du parlamentuko bozketan. Emmanuel Macron Frantziako presidentea herrialde hartara joatekoa da gaur iluntzean.
Libanoko Parlamentuak Mustafa Adib aukeratu du lehen ministro. Adib Libanoko enbaxadorea izan da Alemanian 2013. urtetik, eta babes zabala lortu du parlamentuko bozketan. Emmanuel Macron Frantziako presidentea herrialde hartara joatekoa da gaur iluntzean.
Hasan Diaben gobernuak batera dimisioa aurkeztu zuen duela hiru aste, Beiruteko portuan gertatu zen eztandaren ondorioz. Diaben ordezko, Libanoko Parlamentuak Mustafa Adib diplomazialaria aukeratu du gaur lehen ministroaren kargurako. «Ez dago hitzik emateko astirik: orain egiteko unea da», esan du, Baabda presidentearen jauregian Michel Aoun Libanoko presidentearekin eta Nabih Berri parlamentukoarekin elkartu ondoren. Adib Libanoko enbaxadore izan da Alemaniain 2013. urtetik, eta azken bi hamarkadEtan Najib Mikati lehen ministro ohi dirudunaren aholkularia izan da. Parlamentuan egindako bozketan, 119 bototik 90 lortu ditu diplomazialariak, eta herrialdeko alderdi politiko nagusien babesa jaso du, hala nola Hezbollah eta haren aliatuena –xiitak dira–, baita Saad Hariri lehen ministro ohiaren Etorkizuneko Mugimendua alderdiarena ere —sunitak dira–. Parlamentuko hamahiru diputatuk ez dute bozketan parte hartu, beren karguari uko egin ondoren. «Eskua eman eta esfortzua batera egiteko unea da, Libanoko herritarrek esperantza izan dezaten berriro», adierazi die Adibek kazetariei. Neurri ekonomikoak hartzeko gai izango diren profesionalak aukeratuko dituztela zehaztu du: «Espero dugu gobernua eratzean euren arloan profesionalak diren kideak aukeratzea; beharrezkoak diren finantza neurriak eta erabaki ekonomikoak hartzen trebeak izan behar dute». Portuko leherketak areagotutako krisiari aurre egin beharko dio Adiben gobernuak. Munduko Bankuaren arabera, Libanok 506 eta 636 milioi euro artean beharko ditu 2020. urtea amaitu baino lehen. Libanok lau erronka ditu egun: eztandaren ondoren leheneratze eta berreraikitze lanak egitea, leherketaren inguruko ikerketa egitea, finantza eta ekonomia erreformak aurrera eramatea, eta sistema politikoa bera berregituratzea, egun herrialdeak dituen arazo gehienen sortzailea baita. Lehen ministroaren aukeraketa Emmanuel Macron Frantziako presidentea herrialde horretara helduko den egun berberean izan da. Beiruteko portuan eztanda egon zenetik Frantziako presidenteak herrialdera egiten duen bigarren bidaia da. Macronek eskatu die Libanoko politikariei elkar ulertzeko, eta erreformak egiteko, ustelkeriaz beteta egon diren azken hamarkadetako sistema aldatzeko.
2020-8-31
https://www.berria.eus/albisteak/186236/maskara-nahitaezkoa-izango-da-unibertsitateetan.htm
Gizartea
Maskara nahitaezkoa izango da unibertsitateetan
Espainiako Unibertsitate Ministerioak ikasturtean hartu beharreko neurriak eman ditu. Ikasle batek sintomak edukiz gero, bakartu egin beharko dute, eta aukera edukiko du aurrez aurrekoak ez diren eskolak jasotzeko.
Maskara nahitaezkoa izango da unibertsitateetan. Espainiako Unibertsitate Ministerioak ikasturtean hartu beharreko neurriak eman ditu. Ikasle batek sintomak edukiz gero, bakartu egin beharko dute, eta aukera edukiko du aurrez aurrekoak ez diren eskolak jasotzeko.
Espainiako Unibertsitate Ministerioak ikasturterako neurri batzuen berri eman du, eta jakinarazi du maskara erabiltzea nahitaezkoa izango dela aurrez aurre egingo diren eskoletan zein gainontzeko espazio komunetan. Horrez gain, aireztatzea ere zaindu beharko dela iragarri du, eta leihoak ahalik eta denbora gehien egon beharko direla zabalik: ordu laurdenez eskola bakoitza hasi aurretik eta amaitu ostean. Gainera, unibertsitate bakoitzak COVID-19aren aurkako protokolo bat eduki beharko du, eta izurriteak eragin ditzakeen egoerak kudeatzeko arduradun bat ezarri beharko da. Ikasleren batek sintomak edukiz gero, horretarako prestatuta egon beharko den gune batean bakartu beharko da. Espazio horrek aireztapen egokia eduki beharko du, eta gutxienez maskarak eta berrerabili ezin daitezkeen zapiak botatzeko paperontzi bat eduki beharko du. Ikaslea bakartuta egon beharko da emaitzak jaso bitartean, eta, emaitza positiboa izanez gero, hala egon beharko du beste hamar egunez. Gainera, ezingo da unibertsitatera itzuli osasun agintariek baimena eman arte. Haren kontaktuei dagokienez, ikasle batek positibo ematen badu, kontaktu zuzenen ikerketa egin beharko da. Ikerketa horren baitan sartuko dira, besteak beste, hamabost minutuz maskararik gabe eta bi metro baino gutxiagoko distantzian egon diren pertsonak. Horiek ere bakartuta egon beharko dute, nork bere bizilekuan, eta PCR proba egingo zaie autonomia erkidego bakoitzean ezarritako protokoloaren arabera. Emaitza negatiboa bada ere, berrogeialdia egin beharko dute bi astez. Bakartuta ere, eskolak Bakartuta egon daitezkeen ikasleak ezingo dira aurrez aurreko eskoletara joan, baina eskubidea izango dute eskolak beste era batera jasotzeko, irakasgai bakoitzaren arabera. Unibertsitate bakoitzak izango du horren ardura. Hala ere, egoera horretan dauden ikasleak edo unibertsitateko langileak asko badira, unibertsitateek eta osasun agintariek elkarlanean hartu beharko dute erabakia. Hala ere, Manuel Castells Espainiako Unibertsitate ministroak, printzipioz, irailaren 3an eskainiko du informazio gehiago.
2020-8-31
https://www.berria.eus/albisteak/186237/david-silvak-positibo-eman-du-realak-fitxatu-berritan.htm
Kirola
David Silvak positibo eman du, Realak fitxatu berritan
Aurrelari kanariarrak txuri-urdinekin aritzeko «ilusio handia» duela esan du. Garaikurrak lortzeko lehia eta Europa» jo ditu helburu nagusi gisa.
David Silvak positibo eman du, Realak fitxatu berritan. Aurrelari kanariarrak txuri-urdinekin aritzeko «ilusio handia» duela esan du. Garaikurrak lortzeko lehia eta Europa» jo ditu helburu nagusi gisa.
David Silvak (Arguineguin, Kanaria uharteak, 1986) bi urterako kontratua sinatu du Realarekin, 2022ko sasoi amaiera artekoa. Klubak gaur goizean aurkeztu du jokalaria, eta ordu batzuk geroago eman du harekin lotutako eguneko bigarren berria: Silvak positibo eman du koronabirusean, eta bakartuta egongo da hamabost egunez. Orduan hasiko da haren kide berriekin batera entrenatzen. Gaur jantzi du estreinako aldiz Realaren elastiko txuri-urdina, eta hurrengo bi sasoietan etxe izango duen estadioan lehen ostikadak eman zizkion baloi bati. Ingalaterran osatutako ibilbide oparoari segida eman nahi diola adierazi zuen: «Asko irabazteko aukera izan dut nire ibilbidean, eta horretan saiatuko naiz hemen ere». Realean aritzeak «ilusioa» sortu dio Silvari, eta «eskertua» agertu da jendeak egin dion harrerarengatik: «Maitasun keinu asko egin dizkidate. Hasteko irrikaz nago, taldekideak eta gainontzeko lagunak ezagutzeko gogoz». Donostian «urte onak igaro» eta klubaren proiektuari bere aletxoa jartzeko prest agertu da Silva. Kanariarraren arabera, zenbait faktorek eragin dute hura Realera heltzea. Txuri-urdinen joko estiloa jarri du horren adibide: «Realaren jokatzeko modua egokia da niretzat». Datorren sasoia ez da Silvak Euskal Herrian egingo duen lehendabizikoa. Orain hamabost urte, Eibarren aritu zen, utzita, eta orduan izandako bizipenek Realaren eskaintza onartzera bultzatu dute kanariarra. Silvak azaldu duenez, «arlo pertsonalak ere pisua izan du. Euskal Herrian bizi izan nintzenean oso gustura egon nintzen jendearekin eta, orain, familiarekin, itzultzea erabaki dut». Silvak Ingalaterrako ligan egin ditu azken hamar urteak. Txapelketa «lehiakorra» da, eta bera ere halakoxea dela uste du. Hargatik, «garaikurren borrokan» segitu ahal izatea eta «Europan segitzea» ezarri ditu helburu gisa. Akordio «azkar» bat Realak Silva fitxatzea ustekabea izan zen zaleentzat. Baita jokalariarentzat ere, hein batean; Silvak atzoko prentsa agerraldian adierazi zuenez, «ezusteko atsegin bat» izan zen Donostiako klubaren eskaintza. Bi aldeek «azkar» itxi zuten tratua, Silvaren esanetan: «Badakit kluba gauzak ondo egiten ari dela, eta oso ongi aritzen dira futbolean». Alde horretatik, azken urteetan futbolaren gorengo mailan eskaini duen mailari eutsi nahi dio Donostian: «Jokalari garrantzitsua izan nahi dut, eta gazteei ahalik eta gehien lagundu nahi diet. Nire esperientzia gehitu nahi diot taldeari». Izan ere, azken bi hamarkadetan ibilbide oparoa osatu du 34 urteko futbolariak. Manchester Cityn osatu dituen denboraldietan hamalau garaikur eskuratu ditu urdinekin. Horrez gain, Valentziarekin irabazitako Espainiako Kopa bat eta Espainiako selekzioarekin lortutako bi Eurokopak eta Munduko Txapelketa batek osatzen dute haren sari zerrenda luzea. Realean «eskertuta» daude maila horretako jokalari batek txuri-urdinen eskaintza onartu duelako: «Haren ibilbideari erreparatzea nahikoa da jakiteko zer-nolako fitxaketa egin dugun», esan zuen atzo Angel Oiarzun Realeko presidenteordeak. Jokin Aperribairen tokia hartu zuen atzo Oiartzunek, agintari nagusia etxeko itxialdian baita: «Talde asko zituen atzetik, eta guregana etorri da, beste eskaintzak alboratuta. Ongi etorri».
2020-8-31
https://www.berria.eus/albisteak/186238/gizon-bat-atxilotu-dute-irunen-andre-bati-eraso-egitea-egotzita.htm
Gizartea
Gizon bat atxilotu dute Irunen, andre bati eraso egitea egotzita
Etxebizitza batetik alde egin ahal izan zuen biktimak
Gizon bat atxilotu dute Irunen, andre bati eraso egitea egotzita. Etxebizitza batetik alde egin ahal izan zuen biktimak
Ertzaintzak 21 urteko gizonezko bat atxilotu du Irunen (Gipuzkoa), emakumezko bati sexu eraso bat egitea leporatuta. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren arabera, atzo goizaldean gertatu zen erasoa, Irungo etxebizitza batean, 02:30 inguru zirenean. Biktimaren kontakizunaren arabera, bere lagun batekin eta bi gizonezkorekin batera joan zen gizonezkoetako baten etxera. Horietako batekin bakarrik geratu zen logela batean, eta gizonak atea itxi zuen. Jarraian indarrez heldu zuen, ohera bota zuen, eta ukituak egiten hasi zitzaion. Baina emakumezkoak etxe horretatik alde egin ahal izan zuen, eta salaketa jarri zuen Ertzaintzaren Irungo komisarian. Jaurlaritzaren arabera, behin salaketa jarrita Bidasoko Ospitalera eraman zuten, artatu zezaten. Erasotzailea epailearen esku utzi dute.
2020-8-31
https://www.berria.eus/albisteak/186239/realaren-eta-osasunaren-artean-jokatuko-da-euskal-herria-txapela.htm
Kirola
Realaren eta Osasunaren artean jokatuko da Euskal Herria Txapela
Irailaren 5ean jokatuko da norgehiagoka, 20:30ean, Anoetan.
Realaren eta Osasunaren artean jokatuko da Euskal Herria Txapela. Irailaren 5ean jokatuko da norgehiagoka, 20:30ean, Anoetan.
Realaren eta Osasunaren artean jokatuko da IV. Euskal Herria Txapela lehiaketako finala. Euskal Herria Kirola elkarteak antolatzen du norgehiagoka, eta irailaren 5ean jokatuko da, 20:30ean, Anoetan. Finalaren egunean Reala eta Osasuna elkarren aurka jokatzekoak ziren Zubietan, denboraldi-aurrea prestatzeko partida batean. 2019-2020 denboraldiko derbietan puntu gehien eskuratu dituzten bi taldeen artean jokatuko da Euskal Herria Txapela. Aurtengoan, txuri-urdinek eskuratu du lehen postua, hamasei punturekin, eta Osasunak bigarrena, hamalau punturekin. Norgehiagoka Akitania Berria-EAE-Nafarroa euroeskualdeak babesten du, lurraldeen arteko kirol txapelketak sustatzeko helburuarekin. ETB1ek zuzenean emango du partida.
2020-8-31
https://www.berria.eus/albisteak/186240/hainbat-joera-politikotako-milaka-manifestari-bildu-dira-berlinen-pandemiari-erantzuteko-neurrien-aurka.htm
Mundua
Hainbat joera politikotako milaka manifestari bildu dira Berlinen, pandemiari erantzuteko neurrien aurka
Uztailetik, gobernuaren aurkako protestak egiten ari dira Alemaniako hiriburuan. Asteburuan, ultraeskuineko hainbat kidek Alemaniako parlamentuaren egoitza hartzeko saialdia egin zuten, baina ezerezean geratu zen. Manifestari gehienak eskuin muturrekoak badira ere, hainbat joera politikotako herritarrak batu dira protestetara.
Hainbat joera politikotako milaka manifestari bildu dira Berlinen, pandemiari erantzuteko neurrien aurka. Uztailetik, gobernuaren aurkako protestak egiten ari dira Alemaniako hiriburuan. Asteburuan, ultraeskuineko hainbat kidek Alemaniako parlamentuaren egoitza hartzeko saialdia egin zuten, baina ezerezean geratu zen. Manifestari gehienak eskuin muturrekoak badira ere, hainbat joera politikotako herritarrak batu dira protestetara.
Alemania da pandemiak Europan gehien jo dituen herrialdeetako bat. Robert Koch institutuaren arabera, 243.000 positibo inguru atzeman dituzte, eta 9.300 herritar hil dira. Horiek horrela, Angela Merkelen gobernuak pandemiaren kontrako neurriak gehiago zorroztea erabaki du, oldarraldiak kontrolatzeko. Hala eta guztiz ere, herritar guztiak ez daude ados Alemaniako Gobernuak pandemiari erantzuteko ezarri dituen neurriekin. Uztailetik, Alemania osoan milaka manifestari kalera atera dira, pandemiari erantzuteko neurrien aurka. Azken asteburuan, Berlingo protestak, esaterako, orain arteko jendetsuenak izan ziren: zehazki, 38.000 manifestari inguruk hartu zuten parte larunbatean. Andreas Geisel Berlingo Barne ministroak aditzera eman duenez, ultraeskuinak eta eskuin muturrak presentzia «handia» dute manifestazio horietan. Hain zuzen, ultraeskuineko berrehun kidek Reichtag Alemaniako parlamentuaren egoitza hartzeko saialdia egin zuten. Geiselek, ordea, nabarmendu du Reichtag eraikina «une oro babestuta» egon zela. Halere, egoitzaren aurrean ikusi ziren irudiak «lotsagarritzat» jo eta «gaitzetsi» egin ditu. «Manifestari horiek ez daude gobernuaren aurka, demokraziaren printzipioen aurka baizik». Bide beretik jo du Frank-Walter Steinmeier Alemaniako presidenteak ere. «Parlamentuaren aurrean Reicheko banderak ikustea eta ultraeskuinaren aldeko harengak entzutea demokraziaren aurkako eraso onartezina da». Geiselek, bestalde, nabarmendu du manifestazio horien jatorria ultraeskuina dela; bereziki, Reichsbuerger taldeak du indarrik handiena. Iraganeko Alemaniako Inperioaren ikurrak dituzten banderekin ibiltzen dira, eta egungo Alemaniako Estatuaren legitimitatea ez dute aitortzen. Baina gehitu du hainbat joera politikotako jendea batu dela apurka-apurka protestetara: besteak beste, Inkonformista izeneko mugimendua. Gobernuak hartu dituen neurrien ondorioz, oinarrizko eskubideak eta mugimendurako askatasuna «urratutzat» jotzen dituzte manifestariek. «Haiek ere arazo handia dute demokraziaren printzipioekin», gehitu du Geiselek. Protesta horietan, hainbat guraso euren seme-alabekin ageri ziren. RBB Alemaniako irrati-telebista katearen arabera, ehun bat lagun manifestazioa oztopatzen saiatu ziren, «Naziekin eta faxistekin zoaz», oihukatzen zutela. Putini babesa Reich hiritik joandako 2.000 ultraeskuindar inguruk —Alemaniako subiranotasuna ez dute onartzen— Errusiako Gobernuak Alemanian duen enbaxadara bertaratu ziren, eta Vladimir Putin Errusiako presidentearen aldeko eta Merkel kantzilerraren aurkako oihuak egin zituzten. Talde horretan, gainera, konspirazioaren teorien defendatzaileak ere bazeuden. Bestalde, manifestarien eta Poliziaren artean istiluak izan ziren. Ultraeskuinekoek botilak eta harriak jaurti zizkieten poliziei, eta segurtasun indarraren erantzuna berehalakoa izan zen: 300 lagun atxilotu zituzten. Alemaniarentzako Alternatiba alderdi ultraeskuindarrak soilik babestu ditu manifestazioak.
2020-8-31
https://www.berria.eus/albisteak/186241/baionako-turismo-bulegoko-langile-batek-positibo-eman-du.htm
Gizartea
Baionako turismo bulegoko langile batek positibo eman du
Turismo bulegoa hetsirik egon da asteburuan, eta gaur egin dituzte desinfekzio lanak.
Baionako turismo bulegoko langile batek positibo eman du. Turismo bulegoa hetsirik egon da asteburuan, eta gaur egin dituzte desinfekzio lanak.
Baionako turismo bulegoko langile batek positibo eman du PCR proban. Koronabirusak kutsaturiko pertsona batzuekin harremana izan zuen , eta positibo eman bezain laster abisatu zuen lantegia. Hala, turismo bulegoa hiru egunez hetsi dute «prebentzio neurri» gisa, eta gaur egin dituzte garbiketa lanak. Langilearekin kontaktuan izan diren lankideek PCR proba egin beharko dute, Baionako Herriko Etxeak aktibatutako protokoloaren arabera.
2020-8-31
https://www.berria.eus/albisteak/186242/ewanek-irabazi-du-tourreko-lehen-esprint-garbia.htm
Kirola
Ewanek irabazi du Tourreko lehen esprint garbia
Esprinter australiarra indarrez eta abileziaz gailendu da Sisteronen, Bennett eta Nizzoloren aurretik. Alaphilippek jarraitzen du lider.
Ewanek irabazi du Tourreko lehen esprint garbia. Esprinter australiarra indarrez eta abileziaz gailendu da Sisteronen, Bennett eta Nizzoloren aurretik. Alaphilippek jarraitzen du lider.
Ez da ezusterik izan Frantziako Tourreko hirugarren etapan. Esprintean erabaki da, eta Caleb Ewan (Lotto Soudal) izan da azkarrena. Amaiera aproposa zuen etapak Tourreko lehen abiadura esprint garbia ikus zedin, eta australiarrak bere legea ezarri du, atzetik aurrerako ahalegin ikusgarria eginda. Agudo abiatu dira esprinter gehienak, baina Ewanek babesean jarraitu du azken metroetara arte, eta bukaeran aurkari guztiak aurreratu ditu. Indarra eta teknika uztartuz lortutako garaipena izan da. Haren atzetik, Sam Bennett (Deceuninck) eta Giacomo Nizzolo (NTT) sartu dira. Eguneko ihesaldia hiru frantziarrek osatu dute: Anthony Perezek (Cofidis), Benoit Cosnefroyk (Ag2r) eta Jerome Cousinek (Direct Energie). Lehen biek mendiko puntuak izan dituzte jomugan, eta hanka altxatu dute lehen bi mendateen ostean. Perezek berea zuen mendiko maillota, baina lurrera erori, eta lepauztaia hautsita utzi du lasterketa. Cousinek, berriz, ekinean jarraitu du, harik eta hamasei kilometroren faltan Deceuninckek harrapatu duen arte. Guztira 182 kilometro egin ditu ihes eginda. Esprinta prestatzeko unea heldu da orduan. Tropelak bizitu egin du abiada, eta, buruan lehia handia izan den arren, amaiera garbia izan du etapak. Azken kilometroa zuzen-zuzena zen, aukerakoa ziklistarik azkarrenak euren artean lehia zitezen. Sunweb sartu da buruan, eta Peter Sagan (Bora) izan da esprinta abiatzen lehena. Urrutiegitik jo du, ordea. Bennettek indarrez egin du aurrera, eta tartea zabaldu. Haatik, hark ere haize gehiegi jan du. Ewanek kontrako estrategia erabili du, eta bikain atera zaio. Abilezia eta abiada handiz aurreratu ditu aurkariak, eta, hala, Tourreko bere laugarren garaipena lortu du. Sailkapen nagusian, ez da aldaketarik izan: Julian Alaphilippek (Deceuninck) jarraitzen du lider.
2020-8-31
https://www.berria.eus/albisteak/186243/alavesek-eta-eibarrek-etxean-hasiko-dute-liga-eta-besteek-kanpoan.htm
Kirola
Alavesek eta Eibarrek etxean hasiko dute liga, eta besteek, kanpoan
Lehen derbia hirugarren jardunaldian jokatuko dute Eibarrek eta Athleticek, irailaren 27ko asteburuan. Urtarrilera atzeratuko dute bigarren jardunaldiko Athletic - Bartzelona partida.
Alavesek eta Eibarrek etxean hasiko dute liga, eta besteek, kanpoan. Lehen derbia hirugarren jardunaldian jokatuko dute Eibarrek eta Athleticek, irailaren 27ko asteburuan. Urtarrilera atzeratuko dute bigarren jardunaldiko Athletic - Bartzelona partida.
Azkenean zozkatu da 2020-2021eko denboraldiko egutegia. Liga irailaren 12-13an hasiko da, eta bost euskal taldeetatik bik ekingo diote txapelketari etxean: ˆAlavesek eta Eibarrek. Betis hartuko dute arabarrek, eta Celta gipuzkoarrek. Aurreko sasoia amaitu zuen zelai berean ekingo dio ligari Athleticek, Granadarenean. Realak, berriz, Valladoliden jokatuko du; eta Osasunak, igo berri den Cadizen berdegunean. Lehen derbia hirugarren jardunaldian jokatuko da, irailaren 26-27a: Eibar - Athletic izango da. Ligaren amaiera gogorra izango da batez ere Eibarrentzat eta Alavesentzat. Mendilibarren taldeak Bartzelona hartuko du Ipuruan, eta Alavesek Sanchez Pizjuanen jokatuko du, Sevillaren kontra. Pablo Machinen talde ohietako bat da Sevilla. Elx igo berriari egingo dio bisita Athleticek. Talde batzuek abuztuan jokatu zutenez gero, atzeratu egingo dituzte haien lehenengo eta bigarren jardunaldietako partidak. Hala, bigarren jardunaldiko Athleticen eta Bartzelonaren aurkako partida 2021eko urtarrilaren 6an jokatuko dute. Laugarren jardunaldiko Granadaren eta Osasunaren arteko partida ere atzeratu egingo dute, Europa ligako kanporaketengatik; urtarrilaren 12an jokatuko dute haiek. Hona hemen euskal taldeek datorren denboraldian jokatuko dituzten derbiak: 3. jardunaldia (irailaren 27a) Eibar – Athletic 5. jardunaldia (urriaren 4a) Alaves – Athletic 6. jardunaldia (urriaren 18a) Eibar – Osasuna 7. jardunaldia (urriaren 25a) Osasuna – Athletic 12. jardunaldia (abenduaren 6a) Alaves – Reala 13. jardunaldia (abenduaren 13a) Reala – Eibar 15. jardunaldia (abenduaren 23a) Alaves – Eibar 16. jardunaldia (abenduaren 30a) Athletic – Reala Osasuna – Alaves 17. jardunaldia (urtarrilaren 3a) Reala – Osasuna 22. jardunaldia (otsailaren 7a) Osasuna – Eibar 24. jardunaldia (otsailaren 21a) Reala – Alaves 24. jardunaldia (otsailaren 28a) Alaves – Osasuna 28. jardunaldia (martxoaren 21a) Athletic – Eibar 29. jardunaldia (apirilaren 4a) Reala – Athletic 30. jardunaldia (apirilaren 11) Athletic – Alaves 32. jardunaldia (apirilaren 25a) Eibar – Reala 34. jardunaldia (maiatzaren 2a) Eibar – Alaves 35. jardunaldia (maiatzaren 9a) Athletic – Osasuna 38. jardunaldia (maiatzaren 23a) Osasuna – Reala
2020-8-31
https://www.berria.eus/albisteak/186244/israelen-aurkako-erasoak-etetea-onartu-du-hamasek.htm
Mundua
Israelen aurkako erasoak etetea onartu du Hamasek
Tel Avivek ia hiru astez bonbardatu du Gaza, handik jaurtitako su puxikei eta suziriei erantzunez.
Israelen aurkako erasoak etetea onartu du Hamasek. Tel Avivek ia hiru astez bonbardatu du Gaza, handik jaurtitako su puxikei eta suziriei erantzunez.
Qatarreko ordezkaritza bat aritu da bitartekari lanetan, eta lortu du azkenean Hamasek erasoak etetea. Abuztuaren 11z geroztik Israelen bonbapean bizi dira Gazako bi milioi palestinarrak. Hamasek ohartarazia zuen egoera muturrekoa zela, erasoen eta argindar faltaren ondorioz —salgaiak sartzeko pasabide bakarra itxi egin du Tel Avivek, eta erregaia sartzea debekatu, erasoetarako erabiltzen dutela argudiatua—. Horiek hala, suziriak jaurtitzeari utziko dio talde islamistak. «Hainbat asteko elkarrizketen ostean, Qatarrekoo ordezkari Mohamed el-Amadi ordezkariaren bitartekaritzarekin, borrokak amaitu eta egonkortasun bermatzeko akordioa itxi dugu. Hainbat proiektu ere jarriko dira martxan Gazako herritarren egoera hobetzeko», adierazi du erakundeak idatzi batean. Bestalde, NBE Nazio Batuen Erakundeak eskatu dio Israeli zabal dezala salgaiak Gazara sartzeko pasabidea, eta baimen ditzala erregaia eta bestelako oinarrizko salgaiak. NBEko Palestinarako ordezkari Jamie McGoldrickek ohartarazi du lurraldean dagoen zentral elektriko bakarra geldirik dagoela, eta edateko ura lortzeko ere arazoak dituztela, sorgailuak geldirik daudelako.
2020-9-1
https://www.berria.eus/albisteak/186274/idoia-mendia-laquoeusko-jaurlaritzan-parte-hartuko-dutraquo.htm
Politika
Idoia Mendia: «Eusko Jaurlaritzan parte hartuko dut»
Gaur sinatuko dute Urkulluk, Ortuzarrek eta PSEko idazkari nagusiak gobernu akordioa. Maddalen Iriartek adierazi du Mendia gobernu berrian sartzen bada, Urkulluk hala erabaki duelako dela, eta ez duela aldaketarik ekarriko Eusko Jaurlaritzaren politiketan.
Idoia Mendia: «Eusko Jaurlaritzan parte hartuko dut». Gaur sinatuko dute Urkulluk, Ortuzarrek eta PSEko idazkari nagusiak gobernu akordioa. Maddalen Iriartek adierazi du Mendia gobernu berrian sartzen bada, Urkulluk hala erabaki duelako dela, eta ez duela aldaketarik ekarriko Eusko Jaurlaritzaren politiketan.
Idoia Mendia PSEko idazkari nagusiak bart gauean jakinarazi duenez, Eusko Jaurlaritzan parte hartuko du datorren legegintzaldian. Sare sozialetan zabaldu duen bideo batean adierazi duenez, «lana egiteko garaia da», eta berak pertsonalki parte hartuko du zeregin horretan. Gobernu berrian sartzeko erabakia militanteek EAJrekin adostu duten gobernu akordioari eman dioten babesarekin alderatu du, eta berak ere lanari ekingo diola gaineratu du. Mezu hori bera helarazi die Mendiak PSEko militanteei gutun baten bidez. «Sozialistak ez gara inoiz kikildu arazoen aurrean, eta berriro erakutsiko dugu», dio, eta egoera «biziki gogorra» dela eta «konpromiso historiko berri bat» behar dela. Gutunean sakondu egin ditu bere argudioak, eta gaineratu du uste duela «Euskadiren berreraikuntza sozialean eta ekonomikoan pertsonalki parte hartzeko unea» duela. Zehaztu du, baina, ez dela, haren hitzetan, «kontu pertsonal bat», baizik eta «alderdiak ematen duen pauso bat». Erabakia PSEren Batzorde Eragilearekin adostu du, eta jakinarazi dio Iñigo Urkullu lehendakarigaiari. Ostegunean egingo dute inbestidura saioa Eusko Legebiltzarrean, eta EAJk eta PSEk gehiengoa izango dute Urkullu hautatzeko; bi hautagai daude, eta Elkarrekin Podemosek iragarri du abstenitu egingo dela bozketan. EAJk eta PSEk gobernu akordio bat adostu zuten joan den astean, eta bi alderdiek babes handia eman diote. Gaur sinatuko dute gobernu akordioa Iñigo Urkullu lehendakarigaiak, Andoni Ortuzar EAJko presidenteak eta Mendiak berak. Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkidea izango da beste lehendakarigaia osteguneko bozketan. Mendiaren erabakiaz zera esan du, gobernu berrian sartzen bada Urkulluk hala erabaki duelako dela, eta Urkullu-Mendia bikoteak ez duela aldaketarik ekarriko Jaurlaritzaren politiketan. «Niri ez zait interesatzen nor egongo den gobernu berrian, baizik eta egongo direnak gai diren dauzkagun erronkei erantzuteko; hau edo hura izango den, lehendakariordetza bat, bi edo hamalau egongo diren, horrek ez dakar ekarpenik eztabaidara».
2020-9-1
https://www.berria.eus/albisteak/186275/gizon-bat-labankadaz-hilda-aurkitu-dute-portugaleteko-zahar-etxe-batean.htm
Gizartea
Gizon bat labankadaz hilda aurkitu dute Portugaleteko zahar etxe batean
Goizaldean aurkitu dute 91 urteko gizona, bularrean labankada bat zeukala. Zer gertatu den ikertzen ari da Ertzaintza.
Gizon bat labankadaz hilda aurkitu dute Portugaleteko zahar etxe batean. Goizaldean aurkitu dute 91 urteko gizona, bularrean labankada bat zeukala. Zer gertatu den ikertzen ari da Ertzaintza.
Portugaleteko Aspaldiko egoitzan (Bizkaia) gertatutako adineko erabiltzaile baten heriotza ikertzen ari dira. Goizaldean aurkitu dute gizona, lurrean, bularrean labankada bat zeukala. Suspertzen saiatu dira, baina bertan hil da. 91 urte zeuzkan. Ertzaintza ikertzen ari da zer gertatu den.
2020-9-1
https://www.berria.eus/albisteak/186276/gasteizko-kirol-jardueretako-begiraleek-eta-sorosleek-greba-mugagabea-hasiko-dute.htm
Gizartea
Gasteizko kirol jardueretako begiraleek eta sorosleek greba mugagabea hasiko dute
Gaurtik aurrera egingo dute lanuztea. ELA, LAB eta CCOO sindikatuek Gasteizko Udalaren jarrera salatu dute .
Gasteizko kirol jardueretako begiraleek eta sorosleek greba mugagabea hasiko dute. Gaurtik aurrera egingo dute lanuztea. ELA, LAB eta CCOO sindikatuek Gasteizko Udalaren jarrera salatu dute .
Gasteizko kirol jardueren sektoreko langileek greba mugagabea hasiko dute gaurtik aurrera, enpresa esleipendunen eta langileen ordezkarien artean akordiorik ez dutelako lortu. Greba deialdiaren ondorioz, Mendizorrotzeko eta Gamarrako igerilekuak itxi beharko dituzte, baita gizarte etxeetako ikastaro batzuk bertan behera utzi ere. ELA, LAB eta CCOO sindikatuek Gasteizko Udalari aurpegiratu diote lan gatazka konpontzeko borondaterik ez izatea. Salatu dutenez, Gasteizko Udaleko Kirol Sailak konpromisoa hartua zuen gatazkan bitartekari lanak egiteko; besteak beste, igerilekuak ireki eta ixteko protokolo bat eskatzeko, instalazioen eta erabiltzaileen segurtasuna bermatze aldera. Kirol programazioaren ikastaroen eskaintza handitzeko ere, ekarpenak jasotzeko prest agertu zen udala. Haatik, azken egunetako bilerak «etsigarriak» izan direla azaldu dute langileen ordezkariek. «Ez daude prest igerilekuak behar bezala ireki eta ixteko behar den denboran minutu bakar bat ere beren gain hartzeko». Kirol begiraleek, berriz, salatu dute udalak ez diela kasurik egin kirol jardueren programazioaren ikastaroak hobetzeko egindako proposamenei. Begiraleek eta sorosleek azpimarratu dute borondatea dutela lan gatazka konpontzeko, eta horren erakusle izan zela abuztuaren 10etik egiten ari ziren lanuzteak bertan behera utzi izana. «Hala ere, ikusten ari gara konpromisoak ez direla betetzen ari, eta enpresak eta udala pilota elkarri botatzen ari direla».
2020-9-1
https://www.berria.eus/albisteak/186277/ikastetxera-itzuli-dira-ipar-euskal-herriko-ikasleak.htm
Gizartea
Ikastetxera itzuli dira Ipar Euskal Herriko ikasleak
Eskola sartzea egin dute goizean Ipar Euskal Herriko ikasleek. Ikastetxeek protokolo sanitario berezia errespetatu beharko dute: maskara derrigorrezkoa da 11 urtetik aitzina.
Ikastetxera itzuli dira Ipar Euskal Herriko ikasleak. Eskola sartzea egin dute goizean Ipar Euskal Herriko ikasleek. Ikastetxeek protokolo sanitario berezia errespetatu beharko dute: maskara derrigorrezkoa da 11 urtetik aitzina.
Euskal Herriko lehen ikasleak eskolara itzuli dira. Ipar Euskal Herriko eskola, kolegio, lizeo eta unibertsitateko ikasle guziek goizean egin dute sartzea, pandemiak ekarri dituen baldintza berezietan. Baionako Estitxu Robles kolegioan, goizeko bederatzietan egin dute eskola sartzeko aurkezpena. Goizeko zortzietatik, ordea, guraso eta ikasleak hesiaren kanpoaldean zeuden, zain. Zakua bizkarrean, lagunarteko kalakan aritu dira nerabeak. Gurasoak begira, seme-alabak baino urduriago. Urteroko irudia izan zitekeen, baina maskarek ikasle berrien aurpegiak kukutzen dituzte. Frantziako Hezkuntza ministerioak maskarak derrigortu ditu 11 urtetik gorakoentzat, ikastetxe guzietan; eta pandemiak aldatu egin du sartze eguneko argazkia ere. 8:30an ireki dute xeila, eta hasi dira kolegiora sartzen, lerroan. Protokolo sanitarioa dela eta, eskuak desinfektatu behar dituzte haurrek ikastetxera sartu aitzin. 44 sartu dira goizean Estitxu Robles kolegioan: gainerakoek bihar izanen dute sartzea, jada ezagutzen duten egoitzan. Seigarrenek lehen aldia dute kolegioan, eta egun bateko tartea dute «handiak» ezagutu aitzin. Jasmine xeilan dago, amaren ondoan, lotsati. «Kontent naiz kolegiora sartzea, nire lagunak ere etorriko direlako. Baina maskararekin pixka bat beldurtua naiz, bero handia ematen duelako». Korrika eskapatu da neskatoa, lagun mina hurbiltzen ikusi duelarik, eta besarkatu du. Ondoko ikasle taldean den Aloñak bat egin du Jasminekin. «Joan den urte bukaeran ikastolan ez zen beharrezkoa maskara. Baina orain beharko dugu ohitu», erran du. Jonik dagoeneko hartu du maskara eramatearen ohitura; baina protokoloak lagunekin jostatzeko manera aldatu duela deitoratu du. «Gu beti ari gara jostetan elkar hunkituz, eta usu besarkatzen ditut ene lagunak. Biziki zaila da metro bateko distantzia atxikitzea gure artean; hori da zailena enetzat». Hala ere, «pozik» daude Aloña eta Joni, kolegioko abentura hasteaz. «Neguan ongi izanen da, sudurrean hotz badugu, maskararekin berotzen ahal gara», bota du Aloñak, eta lagun guziak hasi dira irriz. Xeila ireki dutenean, Txomin Agirre gurasoak alabari musu bat eman dio, agurtzeko. Nahiko lasai agertu da: «Maskararen erabilera fite ulertu du alabak, pandemiaren hasieratik aipatzen zelako. Pixka bat urduri da, baina ez dut uste egoera bereziak estres gehiago eragiten dionik. Protokolo bat errezibitu dugu kolegioaren partetik, eta dena esplikatu dute bertan». Irakasleak, kezkatuago Gaelle Blanco euskara irakaslea izanen da kolegioan; eta berak ere, lehen eguna du. Urduri mintzatu da: «Pentsatzen dut urte berezia heldu zaigula. Entseatuko gara ahal bezain ongi egiten, arauak errespetatuz. Ez dakigu norantz joaten garen». Pedagogiari begira kezka sortzen dio maskarak. «Bisaiarekin anitz komunikatzen dugu. Maskarak komunikazio osoa zailtzen du; ez dugu ongi entzuten. Begiekin mezuak pasatzen ikasi beharko dugu. Ez dugu hauturik, eta egokitu behar dugu» gehitu du. Bat egin du harekin Mañolo Ezpeleta zuzendariak. Egoera sanitarioa aldatu ahala protokoloak ere alda daitezkeela azaldu du. Baina, bere irudiko, hutsuneak baditu protokoloak. «Ene ustez, epe batzuk finkatu beharko lirateke. Adibidez, hiru astez protokolo bat saiatzen ahalko genuke, eta emaitzaren arabera aldatu: hobera edo txarrera. Ez dakigu zein diren irizpideak; eskerrak talde azkarra dugula kolegioan, eta egokitzeko gaitasuna dugula». Lore Aroztegi hezkuntza aholkularia da kolegioan, eta sartzerako protokolo berezia landu du udan zehar: «Bakantzak aitzin zerbait prestatu genuen, baina Frantziako hezkuntza ministroa berriz mintzatu da joan den astean. Azken finean aldaketak egin behar izan ditugu azken momentuan. Erran duena ez da beti argi, eta saiatu gara moldatzen gure lekuaren eta egoeraren arabera». Eraikin zaharra da kolegioarena, eta lanak egin behar izan dituzte udan, ikasgela gehiago lortzeko. «Jadanik baliabide guti dugu, eta guraso eta irakasleen inplikazioari esker lortu dugu obrak egitea udan. Ez dugu askoz ere gehiago egiten ahal ditugun baliabideekin», salatu du. 67 ikaslerekin ireki zuen Seaskak Baionako kolegioa duela lau urte, eta dagoeneko 169 ikaslek eman dute izena. «Biziki garapen baikorra izan du kolegio berriak. Urtero obrak egin behar ditugu eraikina zaharkitua delako, eta ikasle kopurua emendatzen delako», azaldu du zuzendariak. Heldu dira 9:00ak, eta sartze eguneko aurkezpena egin du talde pedagogikoak kanpoko eremuan. Ongi etorria egin diete irakasleek ikasleei; eta klaseak osatu dituzte. 6. mailan, bi klase izanen dira: 6A eta 6B. 44 ikasleak ordena alfabetikoan deitu ditu Mañolo Ezpeletak. Sartzeko momentu estresagarriena ikasleentzat; lagun taldeak nola banatuko ote dituzten. Baina gehienak pozik agertu dira, eta irakasle arduradunak segitu dituzte klasera sartzeko. Hasia dute ikasturtea; eta egoera berezia izanik ere, normalitateak hartu du gaina Baionako kolegioan.
2020-9-1
https://www.berria.eus/albisteak/186278/iruneko-udaltzainek-ehun-ikasle-inguruko-botila-festa-batean-esku-hartu-dute.htm
Gizartea
Iruñeko udaltzainek ehun ikasle inguruko botila festa batean esku hartu dute
Unibertsitate egoitza bateko ikasleak dira, eta horietako bederatzi identifikatu ditu Poliziak.
Iruñeko udaltzainek ehun ikasle inguruko botila festa batean esku hartu dute. Unibertsitate egoitza bateko ikasleak dira, eta horietako bederatzi identifikatu ditu Poliziak.
Iruñeko ikasleen egoitza baten atarian ehun bat gazte bildu dira bart gauean kale zurrutean aritzeko, eta Udaltzaingoak esku hartu behar izan du. Iruñeko Bigarren Zabalgunean dagoen ikasleen egoitzaren aurrean zeuden gazteak kale zurrutean. Haietako asko maskararik gabe, erretzen eta segurtasun tartea errespetatu gabe zeuden, Poliziak jakinarazi duenez. Udaltzainak bertaratu direnean, egoitza barrura sartu dira gazte asko, eta horietako bederatzi identifikatu ditu Poliziak. Botila festa egiteagatik isuna jarri die bederatzi gazte horiei. Abuztuaz geroztik, kaleko edana debekatuta dago Hego Euskal Herrian, koronabirusaren hedapena geldiarazteko.
2020-9-1
https://www.berria.eus/albisteak/186279/turkiak-esan-du-beste-hamar-egunez-luzatuko-dituela-mediterraneo-ekialdean-gasa-esploratzeko-lanak.htm
Mundua
Turkiak esan du beste hamar egunez luzatuko dituela Mediterraneo ekialdean gasa esploratzeko lanak
Greziak jarduera horiek baliogabetzeko urratsa egin du. Ankarak gaur hasiko ditu ariketa militarrak.
Turkiak esan du beste hamar egunez luzatuko dituela Mediterraneo ekialdean gasa esploratzeko lanak. Greziak jarduera horiek baliogabetzeko urratsa egin du. Ankarak gaur hasiko ditu ariketa militarrak.
Greziaren eta Turkiaren arteko harremanak gaiztotuz joan dira azken hilabeteetan, eta baliteke Ankarak gaur iragarritako berriak haien arteko tentsioak areagotzea: izan ere, Turkiak jakinarazi du beste hamar egunez luzatuko dituela Mediterraneo ekialdean gasa esploratzeko egiten ari diren jarduera polemikoak. Azkar erantzun du Greziak, eta lan horiek baliogabetzeko abisua helarazi du, Turkiaren jarduerak «legez kanpokoak» direla argudiatuta; eremu hori bere menpekoa dela salatzen du. Kanpo Arazoetako Ministerioak adierazi duenez, operazio horrekin Turkia «asaldura eta ezegonkortasuna» sortzen ari da eskualdean, eta segurtasuna «ahultzen». Hain zuzen, Zipretik gertu topatutako gas hobi baten ondorioz piztu dira bi herrialdeen arteko azken liskarrak. Ankarak 320.000 milioi metro kubo gas topatu ditu han. Aurkikuntza oinarrizkoa da Recep Tayyip Erdogan presidentearen herrialdearentzat; izan ere, azken hamarkadetako hazkunde ekonomikoa dela eta, herrialdeak gas ugari xahutzen du. Ankarak esportatu egiten du erregai horren zatirik handiena, eta, ondorioz, gasa erostera bideratu behar du bere aurrekontuen zati handi bat. Mediterraneo ekialdean topatutako hobiak, ordea, gas esportazioen merkatuan sartzea ahalbidetuko lioke herrialdeari, eta horrek bultzada bat emango lioke ekonomiari. Greziak, ordea, salatu zuen «legez kanpokoak» direla ustiaketak, Zipre inguruko itsas eremua bere menpekoa delako. Turkiak, berriz, ohartarazi zuen Mediterraneoan, Itsaso Beltzean eta Egeo itsasoaren gain dituen eskubideak baliatuko dituela. Europako Batasunak, hasieran behintzat, Atenasen jarrera babestu du, eta Turkiari zigorrak ezartzea aztertzen ari da. Halere, bi aldeei hainbat aldiz dei egin die negoziazio mahaira itzultzeko. Bestalde, Turkiako Kanpo Harremanetarako ministro Mevlut Cavusogluek gaur esan du Ankara Greziarekin elkarrizketak izateko prest dagoela Mediterraneo ekialdeko eskubideen inguruan aritzeko eta desadostasunak konpontzeko. «Zoritxarrez, gure deiei jaramonik egin ez zaielako, beharrezko neurriak hartu behar izan ditugu» , gaineratu du. Era berean, Kastellorizo uharteko «presentzia militarra» gutxitzeko exijitu du Cavusogluek. Mediterraneo itsasoaren hego-ekialdean dago uharte hori, eta Greziaren lurraldearen parte bada ere, Turkiako kostaldetik bi kilometro eskasetara dago. «Kastelorizo uharteko militarizazioak akordioek ezarritako muga gainditzen badu, Greziak galdu egingo du». Ariketa militarrak Egoera horretan, Turkiak joan den astean iragarri zuen ariketa militarrak egingo zituela; gaur eta bihar ekingo die, benetako munizioa erabiliz. Frantziak Italia eta Greziarekin batera hiru eguneko maniobra militarrak iragarri ondoren eman zuen asmoaren berri.
2020-9-1
https://www.berria.eus/albisteak/186280/hiriburun-elkartu-dira-murgiltze-ereduaren-esperimentazioaren-alde.htm
Gizartea
Hiriburun elkartu dira murgiltze ereduaren esperimentazioaren alde
Ipar Euskal Herriko hainbat hautetsi bildu dira Hiriburuko Baste Quieta eskolan, murgiltze ereduaren esperimentazioa sostengatzeko.
Hiriburun elkartu dira murgiltze ereduaren esperimentazioaren alde. Ipar Euskal Herriko hainbat hautetsi bildu dira Hiriburuko Baste Quieta eskolan, murgiltze ereduaren esperimentazioa sostengatzeko.
Jean Rene Etxegarai, Alain Iriart, Mathieu Berge, eta Max Brisson hautetsiak izan dira, besteak beste, goizean Hiriburuko (Lapurdi) eskolan egin duten elkarretaratzean. Murgiltze ereduaren esperimentazioa ezarri nahi zuten Baste Quieta eskolan, ama eskolako haurrentzat. Paristik debekua jaso zuten uztailean. Atzo, Ipar Euskal Herriko hautetsi delegazio bat joan zen Parisera, Frantziako Hezkuntza ministerioko kontseilari batekin mintzatzera. Bilkuran ez zuten baiezkorik jaso, eta negoziaketek segitu beharko dutela adierazi zuen Alain Iriart Hiriburuko auzapezak. Max Brissonek atzo iragan zen bilkura aipatu du: «Parean ukan dugun kontseilariak murgiltze ereduaren esperimentazioa jartzeko koadro juridikoan zona gris bat bazela erran digu. Baina legeak hobetzen ahal direla erran diot». Ipar Euskal Herriko beste herrietako auzapezak ere hurbildu dira. Gainera, Seaskako, elebidun giristinoko eta elebidun publikoko ordezkariak ere bertaratu ziren, Ikas bi eta Biga bai guraso elkarteekin batera.
2020-9-1
https://www.berria.eus/albisteak/186282/beste-603-kasuren-berri-eman-dute-hego-euskal-herrian.htm
Gizartea
Beste 603 kasuren berri eman dute Hego Euskal Herrian
Pertsona bat hil da Nafarroan gaitzaren ondorioz.
Beste 603 kasuren berri eman dute Hego Euskal Herrian. Pertsona bat hil da Nafarroan gaitzaren ondorioz.
Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Osasun Sailek azken orduetako datuak jakinarazi dituzte. Bezperan baino kasu gehiago izan dira gaur: 603 pertsonari atzeman diete gaitza; atzo 536 izan ziren. Halaber, proba gehiago egin dira azken orduetan: 8.614 test egin dituzte, atzo baino mila gehiago. Iragan aste amaierako zifra altuen ostean, bi egunetan laurehun kasuren bueltan izan dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Positiboen portzentajea ere jaitsi egin da: egin diren probetatik %7 izan dira positibo; iragan astean %8-9 inguru ziren. Nekane Murga Jaurlaritzako Osasun sailburuak atzo adierazi zuen goizegi dela joera aldatzen ari dela baieztatzeko, kasuek behera egin badute ere. Apaldu egin dira azken orduetan kasuak Bizkaian eta Gipuzkoan: 194 kasu atzeman dituzte Bizkaian, 146 Gipuzkoan. Araban, berriz, atzoko zifra baxuaren aldean, azken orduetan bikoiztu egin dira: 89 kasu izan dira; atzo, 41. Nafarroan ere gorantz egin dute: 158 izan dira kasuak. Erkidegotik kanpo beste hamasei kasu detektatu ditu Jaurlaritzak. Ospitaleratuek kopuruak gora egin du. Atzo azken egunetan ospitalera jende gutxien sartu zen eguna izan zen Hego Euskal Herrian: 30 ospitaleratze izan ziren. Azken orduetan, aldiz, 50. Beraz, oraintxe bertan 366 pertsona daude erietxeetan gaitzaren eraginez; horietatik 41 ZIU zainketa intentsiboetarako unitateetan. Gainera, Nafarroan gaitza zuen pertsona bat hil da azken orduetan. Ostiralean Erne sindikatuak jakinarazi zuen Gasteizko polizia etxe batean hamahiru kasu zeudela eta zenbait langile bakarturik zeudela etxean. Sindikatuak langile guztiei probak egiteko eskatu zion Osasun Sailari, eta asteburuan PCRak egiten aritu dira osasun langileak. Orain arte 279 test egin dituzte, eta 205 proben emaitza jakin dute oraingoz: positibo bat izan da.
2020-9-1
https://www.berria.eus/albisteak/186283/juanjo-goiriena-hil-da-ehuko-errektore-ohia.htm
Gizartea
Juanjo Goiriena hil da, EHUko errektore ohia
1991-1996 artean izan zen unibertsitateko errektore, eta Eusko Ikaskuntzako lehendakari, 1996tik 2002ra. Medikua zen ikasketaz.
Juanjo Goiriena hil da, EHUko errektore ohia. 1991-1996 artean izan zen unibertsitateko errektore, eta Eusko Ikaskuntzako lehendakari, 1996tik 2002ra. Medikua zen ikasketaz.
Goizaldean hil da Juanjo Goiriena (Gasteiz, 1948), EHU Euskal Herriko Unibertsitateko errektore ohia. Medikuntza eta Kirurgia ikasi zuen Salamancako Unibertsitatean, eta doktore tesia EHUn bertan egin zuen. Hainbat unibertsitatetan jardun zen irakasle; besteak beste, EHUko Medikuntza Fakultatean. Ardura karguak ere izan zituen: Antolaketa Akademikoko errektoreorde izan zen Gregorio Monreal errektore zen garaian, eta Goiriena bera errektore izan zen 1991tik 1996ra. Besteak beste, EHUtik kanporatutako irakasleen afera izan zuen mahai gainean. 2005ean, EHUk 25 urte bete zituenean, egindako bideaz hausnartu zuen BERRIAn, eta ohartarazi zuen EHUk bazeukala hutsune handi bat: «Unibertsitatea sortu zen garaian, euskarari eta euskal kulturari heltzeko ilusioa geneukan guztiok. Hori ez da behar bezala egitea lortu, eta nik barru-barruraino sartuta daukat hori. Nire ustez, horri heldu beharko lioke berriro EHUk». Lortutako emaitzekin ere kritiko zen «Unibertsitateak autokritikoagoa izan behar du. Ikerketa kopuruan handitu du produkzioa. Baina Euskal Herrian egiten diren ikerketen %90 EHUtik sortutakoak direla esateak ez du balio. Gainera, gizartean egitura sozioekonomikoan batez ere sartzea eta gehiago ematea lortu behar du, horretarako giza baliabide baliotsuak badituelako». EHUko errektore kargua utzita, Eusko Ikaskuntzako lehendakaritza hartu zuen Goirienak 1996an. Urrats asko iritsi ziren haren agintaldian: besteak beste, Auñamendi entziklopedia digitalizatzen hasi ziren, eta Euskonews sortu zuten. Jakiundeko kide ere bazen Goiriena 2007tik, akademia sortu zenetik. Medikuntza izan du lan ardatz Goirienak, eta bi ikerketa lerro jorratu zituen: esfortzuaren fisiologia kirol medikuntzan eta gantz-ehunaren metabolismoa. Basurtuko Unibertsitate Institutu Medikua zuzendu zuen, Kirol medikuntzan espezializatua; Europako Zientzia eta Arteen Akademiako eta Medikuntzako Errege Akademiako kide izan zen. Sari ugari jasota joan da Goiriena; besteak beste, EHUren Urrezko Domina.
2020-9-1
https://www.berria.eus/albisteak/186284/lehen-arretako-aurrez-aurreko-kontsultak-indartuko-dituzte-nafarroan.htm
Gizartea
Lehen arretako aurrez aurreko kontsultak indartuko dituzte Nafarroan
Osasun Sailak ohiko jarduerara itzultzen hasi nahi du irailean.
Lehen arretako aurrez aurreko kontsultak indartuko dituzte Nafarroan. Osasun Sailak ohiko jarduerara itzultzen hasi nahi du irailean.
Santos Indurain Osasun kontseilariak parlamentuan eginiko agerraldian azaldu du irailetik aurrera neurri berriak hartuko dituztela, lehen arretako aurrez aurreko kontsultetara itzultzen hasteko: denborak eta ordua hartzeko prozedurak egokituko dituzte. Kontseilariak zehaztu du helburua «irisgarritasuna hobetzea» dela, eta, horretarako, pazientearen beharretara egokitzen den eredu bat ezartzeko asmoa dutela. Aldi berean, gaixoen arretarako administrazioko langileak formakuntza jasotzen hasiko dira irailean. Indurainek azaldu du formakuntza horien bitartez paziente bakoitzari bere beharren arabera dagokion profesionalik egokiena esleitzea lortu nahi dela, «modurik irisgarri, erraz eta eraginkorrenean». Gainera, telefono bidezko arreta emateko zailtasunik handienak dituzten osasun eremuetako egoera ere aztertuko dute. Bigarren olatuari aurre egiteko «prest» Nafarroako osasun sistema COVID-19aren bigarren olatuari aurre egiteko «prest» dagoela esan du Maria Txibite presidenteak SER irratian eginiko elkarrizketa batean. Presidenteak onartu du azken egunetako kasuak ugariak direla, baina egungo egoera pandemia hasieran izandakoaren oso bestelakoa da: «Orduan 500 pertsona zeuden ospitaleraturik, orain 70 dira». Ostiralean ekingo diote ikasturte berriari Nafarroan, eta gobernuak ez du egun hori atzeratzeko asmorik. Halaber, kezka adierazi du Txibitek: «Baditugu datu batzuk, Tuterako osasun eremukoak bereziki, kezkagarriak direnak, ez dut kontrakorik esango». Hain zuzen ere, egoera epidemiologikoa «larriena» den eremuetan testak egingo dizkiete hezkuntzako langileei, eta, oro har, baita osasun egoera zaurgarriena dutenei ere. Irizpide horien alde agertu da presidentea. Izan ere, Txibiteren ustean, irizpiderik ezarri gabe proba masiboak egiteak ez du emaitzarik ematen.
2020-9-1
https://www.berria.eus/albisteak/186285/hiru-egoiliar-zendu-dira-bizkaian-azken-orduetan.htm
Gizartea
Hiru egoiliar zendu dira Bizkaian azken orduetan
Udako agerraldiak hasi zirenetik hamazazpi egoiliar hil dira herrialde horretan.
Hiru egoiliar zendu dira Bizkaian azken orduetan. Udako agerraldiak hasi zirenetik hamazazpi egoiliar hil dira herrialde horretan.
Bizkaiko zahar etxeetan oldarkor ari da gaitza azken asteetan. Foru Aldundiak jakinarazi du hiru egoiliar zendu direla azken orduetan, eta udako agerraldiak hasi zirenetik hamazazpi egoiliar zendu dira dagoeneko. Beste herrialdeetan ere eragin ditu ondoriorik latzenak: Gipuzkoan bi lagun hil dira gaitzaren ondorioz, eta Araban, bat. Kutsatze gehiago ere izan dira Bizkaiko zentroetan. Orain, 114 egoiliar daude kutsaturik, eta beste hamazazpi ospitalean daude, COVID-19aren ondorioz. Langileen artean ere zabaldu da gaitza: 95ek positibo eman dute COVID-19aren proban, eta beste 88 bakarturik daude. Koronabirusa duten gizarte zerbitzuetako erabiltzaileak artatzeko Birjinetxe zentro soziosanitarioa egokitu du Bizkaiko diputazioak, eta 88 pertsona daude bertan: horietatik 63 zahar etxeetako egoiliarrak dira.
2020-9-1
https://www.berria.eus/albisteak/186286/hezkuntza-sistema-osoarekiko-erantzukizunak-betetzeko-eskatu-diote-ikastolek-jaurlaritzari.htm
Gizartea
Hezkuntza sistema «osoarekiko erantzukizunak» betetzeko eskatu diote ikastolek Jaurlaritzari
Ikastolen Elkartea «dezepzioz» mintzatu da Hezkuntza Sailarekin atzo izandako bileraz: «Denbora irabazteko trikimailu bat izan da; ezer ez jasotzeko arriskua dugu».
Hezkuntza sistema «osoarekiko erantzukizunak» betetzeko eskatu diote ikastolek Jaurlaritzari. Ikastolen Elkartea «dezepzioz» mintzatu da Hezkuntza Sailarekin atzo izandako bileraz: «Denbora irabazteko trikimailu bat izan da; ezer ez jasotzeko arriskua dugu».
Ipar Euskal Herrian gaur hasi da eskola sartzea, Nafarroan ostiralean eta astelehenean irekiko dituzte ateak ikastetxeek, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ere astelehenean abiatuko da ikasturte berria, baina nahasmen handia dago hezkuntza eragileen artean datozen asteetan izango dituzten baliabideen inguruan. Kezka horrekin bat egin du Ikastolen Elkarteak, batez ere Eusko Jaurlaritzaren jarrerarekin lotuta: ohar bidez adierazi du gobernuak ez duela argitu zer baliabide jarriko dituen itunpeko sarerako; are, atzo eragileekin izandako bileretan ere ez zuen zehaztu. «Dezepzioa eragin zigun, bileraren aurretik genituen zalantzak areagotu egin baitziren bileraren ostean», esan du elkarteak. Ikastolek nabarmendu dute ez dakitela Jaurlaritzak emango ote dizkien «egoerak eskatzen dituen baliabide gehigarriak». Izan ere, atzoko bileran konpromisorik ez hartzea leporatu diote Hezkuntza Sailari: «Esan ziguten baliabideak izango ditugula, baina ez ziguten argitu zenbat, noiz, zertarako edo zer irizpideren arabera jasoko ditugun. Hortik atera genezakeen ondorioa da denbora irabazteko Jaurlaritzaren trikimailu bat izan dela bilera, eta ezer ez jasotzeko arriskua dugula». Hartara, elkarteak gobernuari eskatu dio hezkuntza sistema «osoa» kontuan har dezala, eta harekiko «erantzukizunak» bete ditzala. Gogora ekarri du koronabirusak eragindako osasun krisiak premia bereziak eragin dituela ikastetxeetan, eta zentroek laguntza behar dutela gelak bikoiztu behar dituztenean irakasle gehiago kontratatzeko, COVID-19aren arduradun figura ezartzeko, gaixotzen diren langileen ordezkoak kontratatzeko, jangela eta garraio zerbitzuetan neurriak hartzeko eta euskararen irakaskuntza indartzeko, besteak beste.
2020-9-1
https://www.berria.eus/albisteak/186287/ikasturteari-ekin-diote-nafarroako-unibertsitate-publikoan.htm
Gizartea
Ikasturteari ekin diote Nafarroako Unibertsitate Publikoan
Ikasle berriei harrera egin diete gaur, eta bihar hasiko da ikasturte akademikoa formalki. Aurrez aurrekoak izanen dira saio guztiak, segurtasun neurri bereziak hartuta.
Ikasturteari ekin diote Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Ikasle berriei harrera egin diete gaur, eta bihar hasiko da ikasturte akademikoa formalki. Aurrez aurrekoak izanen dira saio guztiak, segurtasun neurri bereziak hartuta.
Zenbait neurri hartu dituzte Nafarroako Unibertsitate Publikoan ikasturte berria segurtasunez has dadin. Batik bat, ikasgelak berregituratu dituzte, eta txikitu egin dute talde bakoitzeko ikasle kopurua, distantzia fisikoa gordetzea helburu. Gainera, unibertsitateko ikasle guztiek maskara jantzita eduki beharko dute une oro, baita ondokoekin metro eta erdiko tartea gorde daitekeenetan ere. Hasi berri den ikasturteko saio guztiak aurrez aurrekoak izan daitezen lehenetsi dute NUPen. Dena dela, iragarri dute neurri bereziak hartuko dituztela pandemiaren eboluzioak hala eskatzen badu. Unibertsitateak ohar batean adierazi duenez, egoerak nabarmen okerrera eginez gero ikasgela hibridoak prestatuko dituzte, saioen zuzeneko emisioa ahalbidetzeko, eta, premiazkoa bada, online irakaskuntzari helduko diote berriz, udaberriko itxialdian gertatu bezala.
2020-9-1
https://www.berria.eus/albisteak/186288/madurok-indultua-eman-die-oposizioko-hainbat-kideri.htm
Mundua
Madurok indultua eman die oposizioko hainbat kideri
Jorge Rodriguez Venezuelako Informazio ministroak telebista publikoaren bidez eman du erabakiaren berri, eta herrialdea «adiskidetzeko» ahalegintzat hartu du. Juan Guaido Venezuelako Asanblea Nazionaleko presidenteak «iruzurtzat» jo du gobernuaren jarrera.
Madurok indultua eman die oposizioko hainbat kideri. Jorge Rodriguez Venezuelako Informazio ministroak telebista publikoaren bidez eman du erabakiaren berri, eta herrialdea «adiskidetzeko» ahalegintzat hartu du. Juan Guaido Venezuelako Asanblea Nazionaleko presidenteak «iruzurtzat» jo du gobernuaren jarrera.
Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak indultua eman die zenbait delitu leporatuta kartzelatutako 110 presori, besteak beste, oposizioko hainbat diputatu, legegile, sindikalista, kazetari eta gizarte eragileri. Herrialdea «adiskidetzeko» ahalegintzat hartu du gobernuak. Jorge Rodriguez Venezuelako Informazio ministroak telebista publikoaren bidez eman du erabakiaren berri. «Venezuelan bakea eta adiskidetza lortzeko lan egingo dugu, demokrazia sendotzeko». Indultu horien bitartez Venezuelako arazoak herrialdean bertan konpontzea ahalbidetuko duela gehitu du Rodriguezek. Indultua eman dien 110 kideren artean, oposizioko 25 diputatu eta lau ordezko daude. Rodriguezek aditzera eman du espetxerik atera diren oposizioko kideek aukera izango dutela datorren abendurako aurreikusten dituzten hauteskunde parlamentarioetan parte hartzeko. «Denok dugu Parlamentu Nazionalerako hautagai izateko edo ez izateko eskubidea; beraz, ez dago inolako baldintzarik dekretua ezartzeko», nabarmendu du. Indultatuen zerrendatik kanpo geratu dira Venezuelako oposizioan oihartzun handia duten zenbait politikari, hala nola Leopoldo Lopez —Espainiako enbaxadan dago, Caracasen— eta Henrique Capriles, Justizia Lehenengo alderdiko burua eta presidente hautagaia izateko inhabilitatua dagoena. Erreakzioak Venezuelako Gobernuak espetxeratutako hainbat kideri indultua ematearen berri eman, eta berehala heldu dira erreakzioak. Venezuelako Alderdi Sozialista Batuak babestu egin du gobernuaren erabakia. Alderdiaren ustez, sektore nazional guztiekin elkarrizketa «eraikitzaile» eta «emankorra» izateko jarrera erakutsi du Maduroren gobernuak, «bakea lortzeko eta herrialdearen defentsarako». Juan Guaido Venezuelako Asanblea Nazionaleko presidenteak, ordea, «iruzurtzat» jo du gobernuak hartu duen erabakia, eta oposizioa «zatitzea» nahi duela leporatu dio Madurori. «Erregimenak gatibu hartuta zeuzkan eta jazarpena pairatu duten hainbat preso politiko aske utzi ditu. Erregimen diktatorial baten eta Asanblea Nazionalaren aurkako erasoaren erakusgarri da», salatu du bere Twitter kontuan. Guaidoren ustez, haien askapenaren helburua izan da gobernuak egin dituen mugimenduak «legitimatzea». Horrez gain, abenduko hauteskundeak «engainutzat» jo ditu. «Engainatu nahi gaituzte, baina ez gara eroriko», nabarmendu du. Nazioartean ere oihartzuna izan du albisteak. Josep Borrell Europako Batasuneko Atzerri Politikarako goi ordezkariak «berri ontzat» jo du oposizioko hainbat kideren askapena. Borrellen arabera, gobernuak hartutako erabakia urrats garrantzitsua izan da abendurako aurreikusita dauden hauteskunde «libreak, inklusiboak eta gardenak» egiteko. Bide beretik jo du Michelle Bachelet NBE Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen Batzordeko goi mandatariak. «Erabaki horrek herrialdean eremu demokratikoa irekitzeko modua emango du, baita giza eskubideen egoera hobetzekoa ere».
2020-9-1
https://www.berria.eus/albisteak/186289/koalizio-gobernua-osatzeko-ituna-sinatu-dute-urkulluk-ortuzarrek-eta-mendiak.htm
Politika
Koalizio gobernua osatzeko ituna sinatu dute Urkulluk, Ortuzarrek eta Mendiak
EAJko eta PSEko buruzagiek esan dute gainerako taldeei «irekitako» akordioa dela, eta autogobernuari buruzkoak direla, oraingoan ere, desadostasun nagusienak.
Koalizio gobernua osatzeko ituna sinatu dute Urkulluk, Ortuzarrek eta Mendiak. EAJko eta PSEko buruzagiek esan dute gainerako taldeei «irekitako» akordioa dela, eta autogobernuari buruzkoak direla, oraingoan ere, desadostasun nagusienak.
Atzo iluntzean EAJko eta PSEko oinarrien babesa jaso ondotik, gaur eguerdian sinatu dute gobernu akordioa EAJk eta PSEk. Eusko Legebiltzarrean egin dute sinadura ekitaldia EAJren EBBren presidente Andoni Ortuzarrek eta PSEko idazkari nagusi Idoia Mendiak, Iñigo Urkullu jarduneko lehendakariarekin batera. Etzi emango dute akordioaren berri, inbestidura saioan. Ituna sinatu ostean agertu dira prentsa aretoan Ortuzar eta Mendia. Bi alderdietako buruzagi politikoek nabarmendu dute gehiengo osoa izan arren, oposizioari irekitako akordio bat sinatu dutena. EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PPri eskua luzatu diete akordioarekin bat egin dezaten, eta adostasunerako eskaintzatik at utzi dute Vox alderdiko legebiltzarkidea. «Egoerak eskatzen duen mailan» egoteko eta gobernuarekin «lankidetzan» aritzeko eskatu die Ortuzarrek oposizioko taldeei. «Ez da inposizioen garaia», erantsi du. Mendiaren esanetan, gehiengo osoa duen gobernu baterako akordioa da, baina aldi berean «eskua luzatuta» daukate gainerakoekin akordioak lortzeko. Ortuzarrek eta Mendiak onartu dute «pozik» daudela akordioarekin, datozen lau urteetako erronkei aurre egiteko tresna izango delako. «Itxaropenerako» akordioa dela eta «oinarri sendoa» duela esan du Mendiak, eta gaineratu PSEri esker «norabide progresista» izango duela gobernuaren jardunak. Autogobernuaren alorrean, azken legealdian ez dira bat etorri jeltzaleak eta sozialistak, eta oraingoan ere 2016an adostutako formulari eutsiko diote; alegia, desadostasun adostu gisa utziko dute gaia, eta alderdi bakoitzak askatasuna izango du Eusko Legebiltzarrean bere jokabidea defendatzeko. Hala baieztatu dute Ortuzarrek eta Mendiak. Bi alderdiek konpromisoa dute «estatutu itun berri bat» lortzeko, baina ez dute bat egiten jarraitu beharreko prozeduran eta edukietan. «Autogobernu gehiago eta hobea nahi dugu biek, baina hori gauzatzeko moduan alderdi bakoitzak bere ñabardurak ditu», azaldu du Ortuzarrek. Jaurlaritzaren egitura berria larunbatean jakinaraziko du Urkulluk. Hala ere, Idoia Mendia PSEko idazkari nagusiak bart gauean adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzan parte hartuko du datorren legegintzaldian. Sare sozialetan zabaldu duen bideo batean esan duenez, «lana egiteko garaia da», eta berak parte hartuko du zeregin horretan. Gaur Mendiak gaineratu du «konpromiso politikoagatik» hartu duela erabaki hori.
2020-9-2
https://www.berria.eus/albisteak/186290/ostegunean-abiatuko-da-getxophoto-jaialdia-espazio-publikoa-ardatz-hartuta.htm
Kultura
Ostegunean abiatuko da Getxophoto jaialdia, espazio publikoa ardatz hartuta
Kalean edo sarean ikusi ahal izateko moduan jarri dituzte egitarauko erakusketa gehienak, eta, hain zuzen ere, kalea hautatu du gaitzat Jon Uriarte komisarioak
Ostegunean abiatuko da Getxophoto jaialdia, espazio publikoa ardatz hartuta. Kalean edo sarean ikusi ahal izateko moduan jarri dituzte egitarauko erakusketa gehienak, eta, hain zuzen ere, kalea hautatu du gaitzat Jon Uriarte komisarioak
Bizkarrean behi erdibitu baten zama daramala sartu da harakina Algortako azokara (Bizkaia), oraindik elikagaiak deskargatzen dabiltza postu zabaldu berrietan, eta dagoeneko eskean dabil gizon bat sarreran, eraikinaren erdiguneko aretoan Sohei Nishino argazkilari japoniarraren Diorama map erakusketako irudiak ikusten diren bitartean. Munduko hamaika hiritan ateratako milaka argazki elkarren gainean metatuz osatutako mapa modukoek osatzen dute bilduma, eta, besteak beste, Johannesburgo, Habana eta Istanbul irudikatzen dituzte. Trabarik gabe doa eguneroko bizitzaren jarioa haien inguruan. Izan ere, hamalaugarren edizio du aurtengoa Getxophoto Nazioarteko Irudiaren jaialdiak, eta ohituta dago herria. Kalea da festibalaren gune nagusietako bat, eta egitaraua, ofizialki, bihar abiatzen den arren, herriko kale eta plazetan jadanik ikusgai daude programaren parte diren hogei erakusketetako gehienak. Hain zuzen, hori izango du gai nagusia: kalea. Eta hortik leloa ere: Kalera!. Irailaren 27ra arte iraungo du festibalak. «Pandemiaren aurretik ere, hasia zen espazio publikoaren errekonkista moduko bat, digitalizazio pribatizazio eta homogeneizazio nahiko bortitz baten ostean». Espazio publiko horri erreparatu nahi izan dio horregatik Jon Uriarte jaialdiko zuzendari artistikoak. (Hondarribia, Gipuzkoa, 1979). Londresko The Photoprapher's Gallery prestigiotsuko komisario digitala da egun, eta Getxophoto jaialdiaren datozen hiru edizioen komisario ere izango da. Dioenez, hasieratik izan zuen argi aurtengo gaia, eta intuizio hori indartu besterik ez du egin koronabirusak. «Pandemiak eraman gintuen harreman guztiak modu digitalean edukitzera. Ezinbestekoa zen eraldaketa horri erreferentzia egitea». Hiriak zapaldurik Muturrekoa da, adibidez, Ereaga hondartzan ikus daitezkeen Michael Wolfen argazkien kasua. Tokyo compression deitu du argazki bilduma egileak, eta, hiri horretako metro erabiltzaileak dira lanaren protagonistak. Lauso ikusten dira bertan bidaiari batzuen aurpegien lehen planoak, jendetzaren ondorioz erabat lurrundutako bagoien kristalen atzean; erdi pentsakor bata, aspertu antza beste bat, ezeroso guztiak, finean, izenburuak iradoki bezala, hiriak konprimituta. Randa Mafoufi argazkilariaren lana ikusi daiteke haren ondoan. Parisen ateratakoak dira irudiak, kasu honetan, baina ez da kokapena irudiek duten deigarriena. Generoak espazio publikoaren erabileran duen eragina aztertzen du artistaren lanak, eta, horregatik, emakumez beteta daude haren irudiak. Emakumez soilik. Gizonei eta emakumeei atxiki ohi zaizkien genero rolak iraultzea da Maroufiren asmoa, eta, hala, gizonei ikusitako keinu eta posturetan jartzen ditu emakumeak bere argazkietan, propio horretarako sortutako eszenaratzeen bidez. Les intruses deitu du bilduma egileak. Kale protestak Jaialdian bada kale protestei eta aldarrikapenei eskainitako erakusketa sorta bat ere. Zabala ikastetxeko hesian jarritakoa, kasu. George Georgiou argazkilariarenak dira irudiak, 2016an AEBetan egindako desfile politikoak erakusten dituzte guztiek. Desfilea ikusten ari den jendea erakusten dute argazkiek, ordea, eta urte hartan Donald Trump presidente bilakatzera eraman zuen gizartearen polarizazioaren erretratu bat eskaintzen dute irudiek, jaialdiko antolatzaileen hitzetan. Argi ikusten da, adibidez, auzo batzuetako miseria, eta irudiz irudi aldatuz doa parte hartzaileen perfila. Ikastetxeko hesian jarri dituztenez, gainera, aurretik pasatzen diren getxoztarrei begira dirudite argazkietako pertsonek. Herriko gasolindegi abandonatuan kokatu dituzte Hong Kongeko 2019ko kale protesten irudiak. Thaddé Comar argazkilariarenak dira irudiak, kasu horretan. «Kale protestak nola eguneratu diren» erakusten dute argazkiek, jaialdiko zuzendari artistikoaren hitzetan. Aterkiak baliatuz, bola moduko bat bilakatzen dira manifestariak argazkietako batean, esaterako, poliziaren aurpegi antzemate sistemei iskin egiten saiatzeko. Edonola ere, komisarioaren hitzetan, programaren erdia hartzen dute espazio publikoan sortutako gatazkei eskainitako erakusketek, eta badira bestelakoak ere. Konfinamendu garaian hainbat argazkilariren artean izandako hartu emanen berri ematen du postetxean ikus daitekeen bildumak, adibidez, eta getxoztarrek sasoi hartan egindako hainbat bideo-deiren lekukotza ematen du Urgull kalean dagoenak. Kalitatezkoa eta segurua Jaialdiaren kutsu herrikoia nabarmendu du Jokin Aspuru jaialdiko zuzendariak. «Ez da adituentzako jaialdi bat, asmoa beti izan da ahalik eta jende gehienarentzat aritzea». Onartu duenez, pandemiaren ondorioz, bereziki zail egin zaie aurtengo egitaraua ixtea, astez aste aldatzen baitzen egoera. Baina bi kriterio egonkor izan dituzte egoera aldakor horretan: proposamen artistikoen kalitatea izan da lehena, eta segurtasuna izan da bestea. Eta bi ideia horien uztarketaren ondorio da aurtengo programazioa, zuzendariaren hitzetan. Horregatik jo dute inoiz baino gehiago erakusketak kalean jartzera, eta horregatik sortu dituzte espresuki sarerako pentsatutako proiektuak ere. Badira jaialdirako espresuki sortutako lau proiektu ere, eta bisita gidatuak eta hitzaldi zikloak ere antolatu dituzte jaialdiak iraun bitarterako. Irailaren 26an, esaterako, Jone Uria eta Jon Martin bertsolariek bertsoz bertsoko ibilbidea eskainiko dute jaialdiko hainbat erakusketa bisitatuz. Jaialdiaren webgunean ikus daiteke programa osoa: www.getxophoto.com orrialdean
2020-9-1
https://www.berria.eus/albisteak/186291/abuztuan-ere-gora-egin-dute-auto-salmentek.htm
Ekonomia
Abuztuan ere gora egin dute auto salmentek
Auto hibridoek eta elektrikoek beren merkatu kuota bikoiztu dute azken urtean.
Abuztuan ere gora egin dute auto salmentek. Auto hibridoek eta elektrikoek beren merkatu kuota bikoiztu dute azken urtean.
Uda ez da txarra izaten ari Hego Euskal Herriko auto saltzaileentzat. Uztailean %31,6 egin zuten gora matrikulazioek, eta %3,6 berriz, abuztuan. Guztira, 3.643 auto berri matrikulatu dituzte, iaz hilabete horretan baino 127 gehiago. Edonola ere, laguntza publikoek salmentei eusteko duten pisua antzeman egiten da. Jaurlaritzak badu salmenta laguntzeko plan berezi bat, eta hari esker %14 handitu dira salmentak bere eremuan; Nafarroako Gobernuak ez du halakorik egin, eta Espainiako Gobernuak ekainaren 15ean indarrean jarritakoak bakarrik eska ditzakete Nafarroako erosleek. Horregatik, edo beste faktore batzuengatik, lurralde horretan %15 jaitsi dira salmentak uztailean. Udako salmenta onek pixka bat hobetu dute auto saltzaileen panorama, baina ez erabat. Urtarrilaren 1etik abuztuaren 31ra arte 23.656 auto matrikulatu dituzte Hego Euskal Herrian, iazko lehen zortzi hilabeteetan baino 10.917 gutxiago (-%31,5). Uztailera arte, erorikoa %35,7koa zen. Laguntza publiko handienak motor alternatiboak dituztenek jasotzen dituzte, eta atal horretan salmentak iaz halako bi dira. Abuztuan saldutako auto berrietatik 827 izan dira hibridoak, elektrikoak eta gasa darabiltenak; hau da, %22,7ko merkatu kuota izan dutela, eta iaz %10,5 baizik ez. Berez, mota horretako motorra duten autoek gora egin dute azken urtean: %32, hain zuzen ere. Elektrikoak, %64 gehiago Horien artean gehienak ibilgailu hibridoak dira, hau da, motor elektriko txiki batez gain erreketako bat dutenak hiritik kanpo doazenerako. Baina elektriko hutsen pisua ere handitzen ari da, nahiz eta oraindik txikia den. Hala, 593 ibilgailu elektriko saldu dira aurten Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, iaz baino %64 gehiago. Autoak ez ezik, autobusak eta furgonetak ere zenbatzen dira horien artean. Elektrikoek eta hibridoek gasolina erretzen duten autoei kendu diete merkatua. Gasolina motorra dutenen salmenta %40 txikitu da aurten, eta, lehen %66ko kuota izanda (2019ko lehen zortzi hilabeteetan), orain %57,3ko kuota dauka. Dieselak, berriz, %23,3tik %22,2ra igaro dira.
2020-9-1
https://www.berria.eus/albisteak/186292/alestisek-lantaldearen-46-kaleratuko-du.htm
Ekonomia
Alestisek lantaldearen %46 kaleratuko du
Miñaoko lantegiko (Araba) 87 langileri eragingo die neurriak. Konpainia osoari eragingo dioenez, zuzendaritzak soilik Espainiako sindikatuekin abiatuko ditu elkarrizketak, ELAk salatu duenez.
Alestisek lantaldearen %46 kaleratuko du. Miñaoko lantegiko (Araba) 87 langileri eragingo die neurriak. Konpainia osoari eragingo dioenez, zuzendaritzak soilik Espainiako sindikatuekin abiatuko ditu elkarrizketak, ELAk salatu duenez.
Alestistek jakinarazi du zenbat langile kaleratuko dituen Miñaoko parke teknologikoan (Araba) duen lantegitik: 87(lantaldearen %46). Aeronautika sektoreko enpresa horrek astearte honetan hasi ditu enplegu erregulazioari buruzko bilerak sindikatuekin. Talde osoari eragingo dio neurriak, eta, beraz, zuzendaritzak erabaki du lantegi bakoitzeko langileen ordezkariekin egin beharrean, «estatu mailako» negoziazioak egitea, ELAk salatu duenez. Sindikatu abertzaleak azpimarratu du horrek ez duela Miñaoko langileen borondatea errespetatzen, eta benetako negoziazio ahalmenik gabe uzten dituela behargin horiek. «Beren lan etorkizunari buruz erabakitzeko duten eskubidea defendatzen du ELAk, beste esparru batzuetatik inposatu gabe».Horrekin batera, nabarmendu du neurria opor garaian jakinarazi duela enpresak, eta «langile guztiak aldi baterako lan erregulazioko egoeran daudenean». Zuzendaritzari «fede txarrez» jokatzea egotzi dio. Alestisek abuztuaren 25ean jakinarazi zuen enplegu erregulazioa abiatuko zuela. Sektoreko beste enpresa batzuek ere iragarri dituzte kaleratzeak; horiek ere lantegiak dituzte Euskal Herrian, baina oraindik ez dute zehaztu zenbat. Langile kaleratuko dituzten. Sektoreak duen krisia argudiatu dute denek: aire trafikoa murriztearen ondorioz aire lineek eskaera asko atzeratu eta bertan behera utzi dituztela, eta, ondorioz, fabrikatzaile nagusiek nabarmen murriztu dutela lana —%45 inguru—, hornidura kate osoari eraginez. Alestisek azpimarratu duenez, datozen urteetako aurreikuspenetara egokitzea izango du helburu, «konpainiak luzaroan irautea bermatzeko». Taldeak bereziki aeronautikarako dihardu, eta neurri txikiagoan autogintzarako ere bai. Lehen mailako hornitzaile kategoria du: besteak beste, Airbus, Boeing eta Embraer konpainientzat aritzen da. ELAk ez du bat egiten azalpen horiekin. Gogoratu du aeronautikak sektore estrategiko gisa laguntza publiko ugari jaso dituela, eta salatu du enpresak orain hartzen ari direla neurriekin «epe laburreko ikuspegia erakusten» ari direla. Nabarmendu du langileek eta euren lan baldintzek ez dute egoera sortu, baina haien bizkar utzi nahi direla egungo krisiaren ondorioak. «Neurria ekoizpen arrazoiengatik argudiatzen da, baina gure ustez, egoera koiunturala da eta ez egiturazkoa, eta gainditu egin daiteke lankideak kalean utzi gabe». Instituzioen ardura Alestisen kasua berezia da. Garai gatazkatsu bat pasatu ostean, 2019an, Aciturrik erosi zuen —%76 berea du—, eta Espainiako Estatuak gainerako %24 kontrolatzen du, SEPI erakundearen bidez. Aurreko astean kaleratutako ohar batean, LAB sindikatuak ere gogoratu zuen hori, eta enpresaren erabakietan esku hartzeko eskatu zien Espainiako Gobernuari eta euskal erakundeei. Alestis 2009an sortu zuten, partzuergo gisa eta Euskal Herriko Alcor taldea akziodun nagusi moduan. 2013an, kaleratzeak izan ziren, Jundizko lantegia (Araba) itxi eta Miñaora eraman zituzten hango langileak. Handik gutxira, hartzekodunen konkurtsoan sartu zen, eta Airbus egin zen enpresaren kargu: akziodun nagusia bihurtu zen, harik eta Aciturrik erosi zuen arte, iaz. Aciturrik ere iragarri ditu kaleratzeak. Guztira, 3.000 langile ditu; horietatik 423 Berantevillan (Araba) eta Miranda Ebron (Espainia). Iragarpen horiei batu behar zaizkie Aernnovak —Berantevillan dago hura ere— uztail amaieran jakinarazitakoa, Bizkaiko ITP Aerorenak eta Lapurdiko Lauak taldearenak —haiek ere ez dute zehaztu zenbat langileri eragingo dien neurriak—. Euskal Herrian, 50 enpresa eta 6.000 behargin inguru ditu sektoreak. Apirilean ohartarazi zutenez, krisiak luzarorako kalteak eragingo ditu sektorean. Airbus da haien guztien bezero nagusietako bat. Europako erraldoiak heren bat txikitu du ekoizpena, eskarira egokitzeko.
2020-9-1
https://www.berria.eus/albisteak/186293/gaueko-tabernen-eta-diskoteken-jarduna-debekatzearen-aurkako-helegitea-jarriko-dute.htm
Ekonomia
Gaueko tabernen eta diskoteken jarduna debekatzearen aurkako helegitea jarriko dute
Gauez lan egiten duten Espainiako ostalarien erakundearen arabera, azken bi asteetan itxita egon izanak argi utzi du eurak ez direla koronabirus kasuen gorakadaren errudun. Salatu dute sektoreko enpresen laurdenak desagertuak direla jada.
Gaueko tabernen eta diskoteken jarduna debekatzearen aurkako helegitea jarriko dute. Gauez lan egiten duten Espainiako ostalarien erakundearen arabera, azken bi asteetan itxita egon izanak argi utzi du eurak ez direla koronabirus kasuen gorakadaren errudun. Salatu dute sektoreko enpresen laurdenak desagertuak direla jada.
Gauez lan egiten duten taberna eta diskoteken jabeak ez daude gustura. Espainiako Gobernuak abuztuaren 14an eman zuen haien jarduna eteteko agindua, eta, ikusita bi aste geroago COVID-19 kasuek goraka jarraitzen dutela oraindik ere, argi dute ez dutela eurek eragin kutsatzeen bigarren olatua: «Gure lokalak ixteak ez du balio izan kutsaketen gorakada eteteko». Hala adierazi du gaueko aisialdian jarduten duten enpresarien Espainia Gauez erakundeak. Neurriak ere iragarri dituzte: helegitea jarriko dute Espainiako Osasun Ministerioak hartutako erabakiaren aurka, «salatzeko gaueko aisialdiaren itxierak ez duela legezko oinarririk, ezta arrazoi epidemiologiko sendorik ere». Ostalariek argi dute zentzurik gabe estigmatizatu dutela sektorea, bakartutako kasuetan oinarrituta, eta ez dagoela daturik erakusten duenik eurak izan direla kutsatze foku nagusiak. Horregatik, Espainiako Auzitegi Nazionalean jarriko duten helegitean, erabakia bultzatu duten irizpideak erakusteko eskatuko dute ostalariek: aurkitutako foku eta kasuak, egindako PCR probak, haien jarraipena... Erabakia arduragabekeria bat dela ere esan dute, sektoreari ez zaiolako alternatibarik eskaini, ezta babes ekonomikorik ere. Uste dute Madrilek arreta desbideratzeko erabili dituela gaueko festak: «Bitartean, hirietan, egunero ikusten ditugu jende pilaketak, adibidez, garraio publikoan; sinestezina da». Sektorearen egoera Gaueko tabernak itxita egoteak, noski, ondorioak ditu haiengan. Datu batzuk eman dituzte: abuztuan, jada, sektoreko enpresen %23,3 desagertu ziren. Aurreikuspenak are eta okerragoak dira, eta egoerak hobera egin ezean datozen hiru hilabeteetan kopuru hori %68,9 ere izan daitekeela uste dute; horrek enplegu galera handituko luke. Itxiera agindu baino lehen ere neurri zorrotzei men egiten ari zirela gehitu dute ostalariek; besteak beste, edukiera %33ra mugatzea, ordutegiak murriztea eta dantzalekuak ixtea.
2020-9-1
https://www.berria.eus/albisteak/186294/osakidetzak-pcr-proba-egiteko-eskatu-die-mungiako-goieta-tabernan-egon-direnei.htm
Gizartea
Osakidetzak PCR proba egiteko eskatu die Mungiako Goieta tabernan egon direnei
Abuztuaren 21etik 26ra artean tabernan izan zirenei eskatu diete jartzeko harremanetan euren osasun zentroarekin telefonoz, edo deitzeko zuzenean Osasun Kontseilura, ordua eskatzeko.
Osakidetzak PCR proba egiteko eskatu die Mungiako Goieta tabernan egon direnei. Abuztuaren 21etik 26ra artean tabernan izan zirenei eskatu diete jartzeko harremanetan euren osasun zentroarekin telefonoz, edo deitzeko zuzenean Osasun Kontseilura, ordua eskatzeko.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak herritarren parte hartzea eskatu dute beste behin. Oraingoan, abuztuaren 21etik 26ra artean Mungiako (Bizkaia) Goieta tabernan (Aritz Bidea, 2) egon zirenei zuzendu zaizkie. Eskatu diete jartzeko harremanetan euren osasun zentroarekin, edo deitzeko 900-20 30 50 telefono zenbakira, Osasun Kontseilura, PCR proba egiteko txanda hartzeko. Bihar hasiko dira probak egiten, 10:00etan, Urdulizko ospitalean (Bizkaia). Emaitza guztiak SMS bidez igorriko dituzte.
2020-9-1
https://www.berria.eus/albisteak/186295/telelana-arautzeko-agiri-berri-bat-igorriko-die-madrilek-aldeei.htm
Ekonomia
Telelana arautzeko agiri berri bat igorriko die Madrilek aldeei
Patronalak esan du Espainiako Gobernuak onartu duela etxetik aritutakoa lanaldiaren %30era handitzea telelanaren legea aplikatzeko langile bati. Alegia, astean bi egunez egin beharko luke lan beharginak lege berriaren babesa jasotzeko.
Telelana arautzeko agiri berri bat igorriko die Madrilek aldeei. Patronalak esan du Espainiako Gobernuak onartu duela etxetik aritutakoa lanaldiaren %30era handitzea telelanaren legea aplikatzeko langile bati. Alegia, astean bi egunez egin beharko luke lan beharginak lege berriaren babesa jasotzeko.
Baikor bukatu dute Madrilek Espainiako sindikatuek, patronalak eta gobernuak telelanaren lege berria adosteko egindako lehen bilera. Aldeek helegiteak aurkeztu dizkiote Pedro Sanchezen gobernuak mahai gainean jarritako lehen zirriborroari. Idatzi horrek lanaldiaren %20 etxetik egitea nahikotzat ematen zuen langile batek lege berriaren babesa izateko. CEOE patronalaren arabera, Madrilgo gobernuak onartu egin du etxetik aritutako lanaldiaren partea %30era igotzea arau berria aplikatu ahal izateko. Sindikatuek ez dute berretsi halakorik, baina, hala balitz, desberdintasun esangurtsu bat legoke: egun bat ez baina bi egun egin beharko lituzke langile batek etxetik telelanaren legearen babesa lortzeko. CCOO sindikatuak jakinarazi du negoziazioa «bide onetik» doala, eta «oso baikor» azaldu da lege berria irailean onartzeko helburuari dagokionez. Horiek horrela, Espainiako Gobernuak agiri berri bat igorriko die sindikatuei eta patronalari alde biek egindako ekarpenak aintzat hartuta. Edonola ere, mahai gainean egon den idatziak garbi utzi du administrazioetako langile publikoak ez direla sartuko lege berriarenpean. Beren arau espezifikoekin jarraituko dutela dio agiriak, eta ez du ematen aldaketarik izango denik alor horretan. Bestalde, enpresek langileen etxeko jarduna kontrolatzeko mugak ere zehazten ditu neurri batean legeak, baina, patronalak nahi bezala, tresna gehiago izango dituzte kontrol hori egin ahal izateko. Langileen «duintasuna» aipatzen du agiriak kontrol horri ezarritako muga gisa. Argi dago kontrolaren inguruan zehatzagoa izan beharko duela legeak.
2020-9-1
https://www.berria.eus/albisteak/186296/roglic-nagusi-igotzaileen-arteko-esprintean.htm
Kirola
Roglic nagusi igotzaileen arteko esprintean
Esloveniarra jaun eta jabe izan da Orcieres Merletteko amaieran, eta hamar segundo hartu ditu gainsariei esker. Alaphilppek eutsi egin dio maillot horiari
Roglic nagusi igotzaileen arteko esprintean. Esloveniarra jaun eta jabe izan da Orcieres Merletteko amaieran, eta hamar segundo hartu ditu gainsariei esker. Alaphilppek eutsi egin dio maillot horiari
Primoz Roglic (Jumbo Visma) gailendu da Frantziako Tourreko lehen bukaera aldapatsuan. Ez zen alde handirik espero Orcieres Merletteko helmugan, eta ez da ezusterik izan. Faboritoen arteko esprintean erabaki da etapa, eta esloveniarra izan da azkarrena. Eraso gogorra jo du azken metroetan, eta ezin izan dio inork ere jarraitu. Garaipenaz gain, hamar segundoko mokadua ere ahoratu du, gainsariei esker, eta hirugarren jarri da sailkapen nagusian. Buruan Julian Alaphilippek (Deceuninck) jarraitzen du, lidertzari sendo eutsi eta gero. Mikel Landa, berriz, bederatzigarren izan da, irabazlearen denbora berarekin. Dauphinen ikusitakoaren errepikapena izan da gaurko etaparen amaiera. Jumbo Vismak lasterketaren ekimena hartu du azken igoeran, eta Wout Van Aertek eta Sepp Kussek eginiko lanari erremate bikaina eman dio Roglicek. Aurkariak ezustean harrapatzen ahalegindu da Guillaume Martin (Cofidis), baina esloveniarra aise iritsi da bere gurpilera, eta indarrez abiatu helmugarantz. Tadej Pogacar (UAE) izan da harengana apur bat hurbildu den bakarra, eta bigarren postua eskuratu du. Martin izan da hirugarren. Egan Bernalek (Ineos) ahulezia zantzuak erakutsi ditu, onenekin batera sartu den arren. Emanuel Buchmanek (Bora), berriz, bederatzi segundo galdu ditu, eta 28 Richard Carapazek (Ineos). Gaur ere azkar batean sortu da ihesaldia, lasterketa hasi eta berehala. Sei txirrindularik osatu dute: Alexis Vuillermozek (Ag2r), Tiesj Benootek (Sunweb), Quentin Pacherrek (Vital Concept), Mathieu Burgaudeauk (Total Direct) eta Nils Polittek eta Krists Neilandsek (Israel). Asko jota lau minutu pasatxoko aldea izan dute; alegia, erabat kontrolpean izan ditu Deceuninckek gidatutako tropelak. Nelands iritsi da urrutien, baina azken mendatera iritsi aurretik irentsi du multzo nagusiak. Orcieres-Merletten, Pierre Rolland (Vital Concept) izan da eraso egin duen bakarra. Ez da urrutira iritsi, ordea. Zaila zen Jumbok jarritako erritmotik ihes egitea. Garaipena aukera-aukeran jarri diote Roglici, eta hark ez du barkatu. Bihar esprinterren txanda izango da berriro, Gap eta Privas artean jokatuko den etapan. 183 kilometroko ibilbide laua du. Laugarren mailako bi mendate dira zailtasun bakarrak. Bukaerak goranzko joera izango du, eta beraz, abantaila izango dute Caleb Ewan (Lotto) eta Peter Sagan (Bora) bezalako esprinterrek.
2020-9-2
https://www.berria.eus/albisteak/186297/espainiako-gobernuburu-ohiek-martin-villaren-aldeko-gutun-bat-bidali-diote-serviniri.htm
Politika
Espainiako gobernuburu ohiek Martin Villaren aldeko gutun bat bidali diote Serviniri
Ceaqua plataformak salatu du presio politikoa egin dutela, eta esan du Villak lortu zituen adostasunek ez diotela ardura penalik kentzen. Servinik etzi galdekatuko du Barne ministro ohia, prozesu luze baten ondoren.
Espainiako gobernuburu ohiek Martin Villaren aldeko gutun bat bidali diote Serviniri. Ceaqua plataformak salatu du presio politikoa egin dutela, eta esan du Villak lortu zituen adostasunek ez diotela ardura penalik kentzen. Servinik etzi galdekatuko du Barne ministro ohia, prozesu luze baten ondoren.
Behin eta berriz saiatu eta gero, Maria Servini epaileak bihar galdekatuko du Martin Villa Espainiako Barne ministro ohia. Villa Argentinara eramatea zen hasierako asmoa; gero, Servinik Madrilera joatea erabaki zuen, eta, azkenean, Internetetik egingo dute saioa. Argentinak Madrilen duen enbaxadan egongo da Villa. Gizateriaren aurkako krimenak egozten dizkiote; besteak beste, Gasteizko Martxoaren 3ko eta 1978ko Sanferminetako gertakariengatik. Galdekatu eta gero, Servinik hamar egunen buruan erabakiko du Villa auzipetu ala ez egozten dizkioten delituengatik. Eldiario.es atariak argitara eman duenaren arabera, Espainiako Gobernuko presidente ohiek gutun bat bidali diote Servini epaileari, Villari babesa adierazteko. Felipe Gonzalezek, Jose Maria Aznarrek, Jose Luis Rodriguez Zapaterok eta Mariano Rajoyk, hain zuzen. Horiez gain, ministro ohiaren alde agertu dira Nicolas Redondo, Candido Mendez, Antonio Gutierrez eta Jose Maria Fidalgo, UGT eta CCOO sindikatu nagusietako idazkari nagusi ohiak, baita Josep Borrell Europako Batasuneko Atzerri eta Segurtasun Politikako goi ordezkaria ere. Horiek guztiek Villak Francoren diktaduraren osteko garaian izan zuen garrantzia nabarmendu dute. Zapatero gobernuburu ohiak, esaterako, adierazi du Villak «uste osoarekin eta modu eraginkorrean» jokatu zuela «demokraziaren jaiotza sendotzeko». Gonzalezek, berriz, zuzenean eskatu du alde batera uzteko ministro ohiaren kontrako prozesu «zentzugabea» eta zigortzeko kereila jarri izana; haren ustean, Villak portaera «akasgabea» izan zuen Gobernazio edo Barne Ministerioaren buru zela. Jasotako babesekin batera, Villak ere gutun bat bidali dio Servini epaileari bere burua defendatzeko: «Ezinezkoa da genozidio bat gertatu izana trantsizioan, geure hurbileko historiaren arorik onenetako batean», idatzi du han. Ceaqua Argentinako Kereilaren Aldeko eta Frankismoaren Krimenen Aurkako Espainiako Plataformak atsekabetuta salatu du Espainiako Gobernuko presidente ohiek Villak lortu zituen adostasunez hitz egin izana hari «ardura penala» kentzeko asmoz. Plataformarentzat, babes mezua presio politikoa egiteko «saiakera baldar bat» izan da, «beste esku hartze bat» Villaren aurkako auzibidean. «Martin Villa babestu duten horiek guztiek ezarri, finkatu, garatu eta onartu zuten naturaltasun osoz Espainiako Estatuan nagusi den inpunitatea. Horrek eragozten du Francoren diktaduran eta trantsizioan egin zituzten gizateriaren aurkako krimenak ikertzea eta epaitzea», adierazi du plataformak ohar batean. Ceaquak agerraldi bat egingo du ostegunean, epaiketaren egunean. Hiru auzi jartzailek hartuko dute parte agerraldian; besteak beste, Andoni Txasko Martxoak 3 elkarteko kideak eta Fermin Rodriguez 78ko Sanferminak Gogoan taldeko kideak. Urteetako prozesua Argentinako justiziak 2014ko urrian eskatu zuen Villa atxilotzeko, baita Francoren diktadura garaiko beste zenbait ministro eta polizia ohi ere. Espainiako Gobernuak ez zuen estradiziorik onartu; deklarazioa hartzea bai, handik bi urtera. Prozesua hainbatetan katramilatu da bidean. Dozenaka elkarte memorialistak egin dute bat Villaren aurkako kereilarekin. Ministroa izan zen bitartean, Espainiako Poliziak eta talde ultraeskuindarrek 90 lagun baino gehiago hil zituzten. Euskal Herrian, 1976ko martxoaren 3ko Gasteizko sarraskia —bost hildako— 1977ko maiatzeko amnistiaren aldeko astea —zazpi hildako— eta 1978ko sanferminetako gertaerak —bi hildako— jazo ziren, besteak beste.
2020-9-2
https://www.berria.eus/albisteak/186298/gurasoentzako-gaixo-agiria-hegoaldean-ez-eta-iparraldean-bai.htm
Gizartea
Gurasoentzako gaixo agiria: Hegoaldean ez eta Iparraldean bai
Espainiako Gobernuak baztertu egin du negatibo ematen duten haurren gurasoei gaixo agiria ematea. Frantziako Gobernuko bozeramaileak, berriz, aurreratu du ikasgela bat edo ikastetxe bat itxi behar izanez gero, ikasleen gurasoek gaixo-agiria jasoko dutela haurraren hezkuntzaz arduratzeko.
Gurasoentzako gaixo agiria: Hegoaldean ez eta Iparraldean bai. Espainiako Gobernuak baztertu egin du negatibo ematen duten haurren gurasoei gaixo agiria ematea. Frantziako Gobernuko bozeramaileak, berriz, aurreratu du ikasgela bat edo ikastetxe bat itxi behar izanez gero, ikasleen gurasoek gaixo-agiria jasoko dutela haurraren hezkuntzaz arduratzeko.
Hego Euskal Herrian soilik positibo eman duten haurren gurasoek izango dute gaixo agiria eskatzeko baimena haurra zaintzeko. Espainia Gobernuak baztertu egin du gaixo agiria ematea bakartuta egon behar duten baina PCRan negatibo ematen duten haurren gurasoei. Maria Jesus Montero Espainiako Gobernuaren bozeramaileak eman zuen atzo albistea; aldiz, umeak positibo ematen duenean, gurasoek eskubide hori izango dute. Ikasturte hasierara begira, berri kezkagarria izan daiteke; izan ere, bizikidetza talde egonkorretako umeren batek positibo ematen duenean, ikaskideak ere bakartuko dituzte, PCRan negatibo ematen badute ere. Halere, Monterok gogorarazi du laneko ordutegiak malgutzeko plan bat martxan jarri zutela. Isabel Zelaa Espainiako Gobernuko Hezkuntza ministroak joan den astean esan zuen hainbat aukera aztertzen ari zirela COVID-19a dela-eta itxialdia egin behar duten umeen gurasoentzat, haurra zaindu ahal izateko: gurasoei gaixo agiria ematea, baimen ordaindu bat ematea. Hezkuntzaren ardura oinarri du Parisek gaixo-agiria emateko Egoera oso bestelakoa izango da Ipar Euskal Herrian. Gabriel Artal Frantziako Gobernuko bozeramaileak atzo France Info irratian esan zuen eman egingo dietela gurasoei gaixo agiria ikasgela bateko edo ikastetxe bateko haurrak konfinatuz gero. «Itxierarik baldin badago, gurasoek gaixo agiria jaso ahal izango dute», aurreratu du. Argudiatu du kasu horretan gurasoek arduratu beharko dutela ikaslearen hezkuntzaz. Ikastetxeko arduradunek eta tokian tokiko agintariek hartuko dute eskola ixteko erabakia. Atzo hasi zen ikasturtea Ipar Euskal Herrian. Protokolo berezia aplikatuta, baina eskolara itzuli dira Ipar Euskal Herriko ikasleak. Baionako kolegioko langileek salatu dute egoerak okerrera egingo balu ez luketela neurri horiek aldatzeko bide egokirik. Artalek irratian egin dioten elkarrizketan esan du protokoloa ezarrita dagoela eta hor jasotako neurriek kutsatzeko arriskua «gutxienekora» murriztu dutela. Maskara erabiltzea derrigorrezkoa da irakasleentzat eta 11 urtetik gorako haurrentzat. Artalek dio eskola batean positibo batek sor ditzakeen jokaleku guztiak aztertu dituztela. Gertatuz gero, ikasle hori bakartu egingo dute, eta berarekin egon direnei ere bakartzeko eskatuko zaie. Testak soilik «susmoa» baldin badago egingo dira. Jean-Michel Blanquer Hezkuntza ministroak azaldu du hiru aukera dituztela mahai gainean koronabirusaren garapenaren arabera sistema egokitzeko. Ikasleak segurtasun neurriekin eskolan izatea da lehena, atzotik indarrean dena. Konfinatu behar izanez gero, ikasleek etxetik jarraitu beharko dute eskoletan, hainbat modutara. Eta bi horien artean tarteko beste egoera bat suertatzen bada, soilik ikasle batzuk joango lirateke eskolara, ekainean gertatu zen bezala.
2020-9-2
https://www.berria.eus/albisteak/186321/brasilgo-justiziak-baliogabetu-egin-du-lulari-odebrecht-auziagatik-jarritako-salaketa.htm
Mundua
Brasilgo justiziak baliogabetu egin du Lulari 'Odebrecht auziagatik' jarritako salaketa
Aho batez hartu du erabakia, eta presidente ohia kargugabetu egin dute auzi horretan.
Brasilgo justiziak baliogabetu egin du Lulari 'Odebrecht auziagatik' jarritako salaketa. Aho batez hartu du erabakia, eta presidente ohia kargugabetu egin dute auzi horretan.
Odebrecht eraikuntza enpresari ustez mesede egin ziolakoan Brasilen Lula da Silva presidente ohiaren aurka irekita zegoen prozesu judiziala artxibatu egin du bart Brasilgo justiziak. Aho batez hartu du erabakia Eskualdeko Auzitegi Federalak (ATRF-1), frogarik ez dagoela argudiatuta. Lehenago ere auzi horren salaketaren zati bat baliogabetu zuten, eta oraingo honekin kargurik gabe geratu da Lula Odebrecht auzian. Lava Jato auziko zigorra du oraindik, ordea. Auzi horretan Lulari leporatzen zioten Odebrechten alde egiteko eskatu zuela Brasilgo Garapen Ekonomiko eta Sozialaren Banku Nazionalean, enpresa hori Angolan egiten ari zen lan batzuetarako mailegu batzuk eman ziezazkioten. Salaketaren arabera, horren truke dirua jaso zuen Lulak. Besteak beste, delitu hauek salatu zituen fiskaltzak: ustelkeria, bere harremanak horretarako erabiltzea, erakunde kriminal bateko kide izatea. 2016ean aurkeztu zuen salaketa. Lularen defentsak azpimarratu du bosgarren aldia dela Lularen aurkako salaketa bat artxibatzen dutela frogarik ez dagoelako. Oraingoan fiskaltzak jarritako salaketa "ahula" eta oinarririk gabea zela esan du. Presidente ohiaren defentsa orain Lava Jato auzian dago buru-belarri lanean; Petrobras enpresa publikoari lotutako ustelkeria sarearen parte izatea leporatzen diote, eta hamabi urteko espetxe zigorra ezarri zioten. Bi helegite aurkeztu ditu defentsak Auzitegi Gorenean, orain arteko prozesuak baligabetu ditzatela eta epaiketa berriz egin dadila eskatzeko. Defentsak argudiatzen du Deltan Dallagnol fiskala eta Jair Bolsonaro (gaur egungo Brasilgo presidentea epailea zen auzi horretan) eta Sergio Moro epaileak ez zirela inpartzialak izan. Defentsak dio auzi horietan ere artxibatu egingo dituztela bere kontrako salaketak. Azaroaren 8az geroztik aske da Brasilgo presidente ohia, espetxean 580 egun egin ondoren Guarujako apartamentuen auzia dela eta. Helegiteen prozesu osoa bukatu arte zigortuak ez direla kartzelatu behar ebatzi zuen Gorenak orduan, eta Lularen defentsak hori argudiatu zuen aske utz zezaten.
2020-9-2
https://www.berria.eus/albisteak/186322/fernando-aranburu-laquokartela-marketina-da-ez-dute-asmaturaquo.htm
Politika
Fernando Aranburu: «Kartela marketina da; ez dute asmatu»
Atentatu baten biktima baten irudia eta torturatu batena erakusten ditu parez pare. Fernando Aranburuk esan du ez zaiola gustatu, eta marketin kanpaina baten barruan kokatu du, baina erantsi du bere nobelak kontatzen duena jasotzen dela telesailean.
Fernando Aranburu: «Kartela marketina da; ez dute asmatu». Atentatu baten biktima baten irudia eta torturatu batena erakusten ditu parez pare. Fernando Aranburuk esan du ez zaiola gustatu, eta marketin kanpaina baten barruan kokatu du, baina erantsi du bere nobelak kontatzen duena jasotzen dela telesailean.
HBO plataformak atzo ekin zion Patria telesaila iragartzeari, eta kartelak hautsak harrotu ditu. Bi irudi aukeratu dituzte Fernando Aranbururen liburuan oinarritutako telesailaren kartel gisara: batean, atentatu baten biktima bat ikusten da, lurrean, eta Elena Irureta aktorea hari heltzen; bestean, berriz, komisaria bat ikusten da, eta hor gizon bat biluzik agertzen da, lurrean hankak eta eskuak lotuta, eta hiru polizia hizketan. ETAren indarkeria eta tortura parez pare jarri izanak harrotu ditu hautsak, eta hainbat politikarik horren kontra egin dute sare sozialetan. Iñaki Oiarzabal Arabako PPko presidenteak esan du «lotsagarria eta iraingarria» dela kartela. Sergio Sayas UPNko Espainiako Kongresuko diputatuak adierazi du «moralik gabekoa» dela, eta Carlos Garcia Adanerok kartelaren «ekidistantzia» salatu du. Rosa Diez haratago joan da, eta esan du «Bilduren eskua» dagoela hor, «Sanchezen sorbaldaren gainean»: «Hau lotsa, eta a ze umiliazio mingarria biktimentzat...». Sare sozialetako beste erabiltzaile askok, ordea, azpimarratu dute ETAren atentatuak existitu ziren bezala existitu zela tortura ere, eta Fernando Aranburuk hala jaso zuela liburuan. Horregatik, beste batzuek kartela salatu duten horiei eskatu diete ezer esan aurretik irakurtzeko liburua. Hain zuzen horrela zioen iaz BERRIAn Aitor Gabilondok, telesailaren gidoilari eta ekoizleak: «Kontakizunak kolektiboa eta multiplea izan behar du». Fernando Aranburu: «Ez dute asmatu» Fernando Aranburuk Madrilgo irudi bat jarri zuen sare sozialetan, ezer gehiago esan gabe. Bere blogean, ordea, adierazi du ez zaiola gustatu kartela; «ez dute asmatu», esan du. Hala ere, kartela kritikatu dutenei zuzenduz, gaineratu du kartela ikustea soilik ez dela nahikoa telesailaren inguruko iritzi bat izateko, «nahiz eta komisariako tratu txarrak jaso, nire nobelak bezala». Gaineratu du legeari bizkarra emanda erabiltzen zela tortura —hitz hori erabili gabe—, eta legediak zigorrak ezarri zituela tratu txarrengatik. Edonola ere, Aranburuk azaldu du telesailaren lehen zortzi atalak ikusi dituela, eta sekuentzia batek edo bik eragin dizkiotela zalantzak; «baina orokorrean nik nobelan kontatu nuenaren antzekoa da, sufritzen dutenen eta sufriarazten dutenen arteko lerro argi batekin». Kartela marketin kanpaina baten barruan kokatu du, eta horrek, eta ez telesailak, nobela idatzi zuenean izan zuen arauetako bat hausten duela dio: «Terrorismoaren biktimen minean arreta ez galtzea, horiei merezi duten enpatiarekin eta maitasunarekin adieraziz». Irailaren 27an estreinatuko du HBOk Patria. Donostian grabatu zuten, eta hainbat aktorek parte hartu dute, Iruretaz gain: Ane Gabarain, Eneko Sagardoi, Mikel Laskurain eta Loreto Mauleon, besteak beste.
2020-9-2
https://www.berria.eus/albisteak/186323/ohi-baino-enplegu-gutxiago-galdu-dira-abuztuan-krisiagatik-sortu-ez-zirelako.htm
Ekonomia
Ohi baino enplegu gutxiago galdu dira abuztuan, krisiagatik sortu ez zirelako
Uztailean baino bi mila langabe gehiago daude enplegu bulegoetan, eta jada 185.000etik gora dira. Beste 16.000 langile atera dira aldi baterako enplegu erregulaziotik
Ohi baino enplegu gutxiago galdu dira abuztuan, krisiagatik sortu ez zirelako. Uztailean baino bi mila langabe gehiago daude enplegu bulegoetan, eta jada 185.000etik gora dira. Beste 16.000 langile atera dira aldi baterako enplegu erregulaziotik
Uztaileko etenaren ondoren, berriro ere gora egiten hasi da langabezia, eta behera enplegua. SEPE Espainiako enplegu zerbitzuak emandako datuen arabera, abuztuaren amaieran 185.420 lagun zeuden langabe gisa erregistratuta enplegu bulegoetan. Uztailaren amaieran baino 2.012 gehiago dira, eta iazko abuztuan baino 35.819 gehiago. Lurraldez lurralde alde handia dago Nafarroaren eta beste lurraldeen artean. Nafarroan, behera egin du langabe kopuruak (-1.078), eta gora egin du, berriz, Bizkaian (+1.508), Araban (+823) eta Gipuzkoan (+759). Datu horiek islada izan dute gobernuen balorazioan. «Zuhur, baina pixka bat baikor» dagoela adierazi du Javier Remirez Nafarroako lehendakariordeak, ikusten baitu ekonomiaren supertzeak ez duela etenik. Jaurlaritzak, berriz, kezka bizia adierazi du hiru sektoreren inguruan —ostalaritza, merkataritza eta hezkuntza—, haiek direlako enplegu gehien galdu dutenak eta, koronabirus kasuen ugaltzearen ondorioz, haiek dutelako enplegua berreskuratzeko aukerarik txikiena. Langabezia gutxiago hazi da Abuztua ez da hilabete ona izaten enpleguarentzat, udako aldi baterako enplegu asko hilabetearen amaieran amaitzen direlako. Are gehiago, aurtengo abuztua azken lau urteetako onena izan da; iaz, koronabirusaren agerraldiaren aurretik, 3.075 langabe gehiago batu zituen abuztuak. Hori bai, orain argudia daiteke enplegurik ez dela desagertu ez delako aurretik sortu. Sektoreka, behera egin du nekazaritzan, Nafarroa hegoaldean bereziki zenbait uzta biltzeko garaia dela eta. Gora egin du beste sektore guztietan, baina, bereziki, aurretik enplegurik ez zutenen artean (+731). Uler daiteke gazte askok ez dutela sasoirako enplegurik aurkitu, eta langabezian erregistratu direla. Baieztapen hori indartzen du beste datu batek: aurtengo abuztuan iazkoan baino 27.000 kontratu gutxiago sinatu dira. Lanbideren arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Ildo horretatik, LABek ohartarazi du orain enplegu finkoa txikitzen ari dela. «Osasun krisialdia hasi eta lehen hilabeteetan galdutako enpleguaren %90 baino gehiago zen aldi baterako. Orain, %70 baino gehiago da. Datu horrek erakusten digu lehen hilabeteetan inolako kosturik gabeko enplegua galdu zela, behin-behinekoa, baina dagoeneko enplegu egonkorra ere galtzen hasi dela». Horrela, azken asteetan gauzatu diren industria sektoreko kaleratzeei —Siemens Gamesa—, gehi dakizkieke Alestisek, Tubacexek, Aernnovak, ITPk eta beste batzuek iragarritakoak. Langabeen %55,5 dira emakumeak, eta %44,5 gizonak. Portzentaje horiek nahiko egonkorrak izan dira azken hilabeteetan; are gehiago, duela urtebete handiagoa zen andrazko langabeen kopurua, %58tik gorakoa. 1.600 afiliatu gutxiago Gizarte Segurantzako afiliazioari dagokionez, behera egin du abuztuan ere. Batez beste, 1.233.125 lagunek ordaindu dute kotizazioa hilabete horretan, uztailean baino 1.624 gutxiagok. Jaitsiera da, baina ohikoa baino askoz txikiagoa: azken bi urteetan, adibidez, 13.500 lanposturen bueltan desagertu dira abuztuan. Zertara dator alde handi hori? Bada, enplegu gehien sortu ohi den hilabeteetan enplegu andana suntsitu dela, eta, ondorioz, orain sasoikako kontratu gutxi amaitu eta hautsi direla. Horrela, martxotik ekainera 38.700 afiliatu galdu ditu aurten sistemak; iaz, urte arruntago batean, berriz, 25.000 irabazi zituen. Nestor Arana Lanbideko zerbitzu orokorretako zuzendariak emandako datu batzuetan ikus daiteke joera hori: ostalaritzan %62,3 jaitsi dira kontratazioak bere eremuan, eta %61 aisialdiarekin lotutako jardueretan (begiraleak eta halakoak). Azken urtean, 20.800 afiliatu galdu ditu sistemak. Ohi bezala, abuztuan ugaritu egin dira nekazarien atalean kotizatzen dutenak (+552). Urritu egin dira, berriz, etxeko langileak (-65), itsasoko langileak (-75), autonomoak (-292) eta, batez ere, erregimen orokorrekoak (-1.259). 16.000 gutxiago erregulazioan Lanik gabe daudenei batu behar zaizkie aldi baterako enplegu erregulazioan daudenak. Haien kopurua jaisten doa hilabetez hilabete. Uztailaren amaieran 50.676 langile zeuden egoera horretan, eta 34.925, aldiz, abuztuaren bukaeran. Hau da, 16.000 langile atera direla erregulaziotik. 230.000 izatera iritsi ziren, apirilean. Ikusteko dago orain zer gertatuko den, ostalaritzak segurtasun kontuengatik dituen mugek —gaueko tabernak itxita daude, eta egunekoek bezero gutxiago har ditzakete—, eragin dezaketelako sektore horretako erregulazioak berriro handitzen hastea. Industrian, berriz, erregulazioan egondako hamar langiletik bederatzi jada lanean itzuli direla nabarmendu du Jaurlaritzak. Langabezia sari gutxiago Uztailean 94.000 langilek jaso zuten langabezia sari arrunta, hau da, langabe erregistratuen %51,2k. Baina datu horrek ez du langabezia sariaren benetako estaldura erakusten, sari hori jasotzen dutelako aldi baterako enplegu erregulazioan daudenek ere. Horrek azaltzen du ekainetik uztailera ia 60.000 lagunek galdu izana saria —erregulaziotik atera ziren gehienak—.
2020-9-2
https://www.berria.eus/albisteak/186324/irungo-gaztelumedi-tabernan-egon-direnei-pcr-proba-egiteko-eskatu-diete.htm
Gizartea
Irungo Gaztelumedi tabernan egon direnei PCR proba egiteko eskatu diete
Abuztuaren 24tik 28ra bitartean taberna horretan izan zirenei eskatu diete harremanetan jartzeko euren osasun zentroarekin. Osakidetzak gaur hasiko ditu probak Ficoba erakustazokan.
Irungo Gaztelumedi tabernan egon direnei PCR proba egiteko eskatu diete. Abuztuaren 24tik 28ra bitartean taberna horretan izan zirenei eskatu diete harremanetan jartzeko euren osasun zentroarekin. Osakidetzak gaur hasiko ditu probak Ficoba erakustazokan.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak berriro eskatu dute herritarren laguntza PCR probak egiteko. Oraingoan, abuztuaren 24tik 28ra bitartean Irungo (Gipuzkoa) Gaztelumendi tabernan (San Juan Arria Plaza, 3) egon zirenei eskatu diete PCR probak egiteko. Irungo osasun zentroekin harremanetan jartzea galdegin diete, edo deitzeko Hondarribiko (Gipuzkoa) osasun zentrora. Gaur hasiko dira probak egiten, 15:00etan, Irungo Ficoba erakustazokan. Bihar ere jarraituko dute probekin, 08:30etik 20:30era. Emaitza guztiak SMS bidez igorriko dituela jakinarazi du Osasun Sailak.
2020-9-2
https://www.berria.eus/albisteak/186326/abian-da-euskaltegietako-matrikulazio-kanpaina.htm
Gizartea
Abian da euskaltegietako matrikulazio kanpaina
AEK-k irakasleen balioan jarriko du arreta ikasturte honetan: «Irakasle batek bik beste balio du». Unean uneko osasun neurrietara egokituko dira euskaltegiak, baina aurrez aurrekoari emanen diote lehentasuna, ahal bada. Euskaltegiz euskaltegi, irail bukaeran edo urri hasieran hasiko dituzte klaseak euskaltegietako ikasleek.
Abian da euskaltegietako matrikulazio kanpaina. AEK-k irakasleen balioan jarriko du arreta ikasturte honetan: «Irakasle batek bik beste balio du». Unean uneko osasun neurrietara egokituko dira euskaltegiak, baina aurrez aurrekoari emanen diote lehentasuna, ahal bada. Euskaltegiz euskaltegi, irail bukaeran edo urri hasieran hasiko dituzte klaseak euskaltegietako ikasleek.
Ziurgabetasunez beteta, baina aurrez aurrekoari lehentasuna eman asmoz hasiko dute ikasturtea euskaltegiek ere. Irail bukaerarako jarri dute batzuek ikasturte hasiera, urri hasierarako bertze batzuek, baina guztiek dituzte martxan jada matrikulazio kanpainak. IKAko euskaltegiek eta udal euskaltegiek ere atzo abiatu zuten izena emateko kanpaina, eta AEK-k, berriz, gaur. Hilabeteko epea izanen dute ikasleek Euskal Herriko euskaltegietan izena emateko. Bilboko Santutxu auzoko AEK-ko euskaltegian aurkeztu du matrikulazio kanpaina AEK-k, gaur goizean. Irakasle batek bik beste balio du lelopean, irakasleen balioan jarriko dute aurten arreta, Alizia Iribarren koordinatzaileak azaldu duenez. Izan ere, irakasleen «esperientzia eta eskarmentua» batetik, eta haien «pasioa eta gogoa» bertzetik, «txanpon beraren bi aldeak» dira, Iribarrenen arabera: «Irakasleak gai direlako ikasleak ikas prozesuan aurrerantz egin dezan, eta, bestetik, euskaraz bizi denaren pasioz, irakasleak nahi duelako euskaltegian matrikulatzen den pertsonak ikas dezala». Iribarrenek azaldu duenez, «ohiko ikastaroekin» jarraituko dute aurten ere, baina «betiere unean uneko osasun neurrietara egokituta eta prebentzio neurri guztiak hartuta». Hala, Iribarrenek nabarmendu du «larrialdiren bat» egonen balitz «prest» egonen direla, hasieratik, klaseak modu digitalean ere jarraitu ahal izateko. Bortz irakaskuntza modalitate eskainiko dituzte: aurrez aurreko taldeak, autoikaskuntza euskaltegietan, eredu konbinatua —aurrez aurrekoa eta digitala uztartuta—, online ikastaroak eta Foruko barnetegia (Bizkaia), urte osoan zabalik izanen dutena. IKAko euskaltegiek eta udaletakoek ere aurrez aurrekoa eta digitala uztartzeko aukera emanen dute, momentuan dagoen osasun egoerara egokituta, beharrezkoa bada.
2020-9-2
https://www.berria.eus/albisteak/186327/charlie-hebdo-kazetaren-kontrako-erasoen-inguruko-epaiketa-hasi-dute.htm
Mundua
'Charlie Hebdo' kazetaren kontrako erasoen inguruko epaiketa hasi dute
Hamalau pertsona daude inputatuta. Epaiketak azaroaren 10era arte iraungo du.
'Charlie Hebdo' kazetaren kontrako erasoen inguruko epaiketa hasi dute. Hamalau pertsona daude inputatuta. Epaiketak azaroaren 10era arte iraungo du.
Urte hasiera gogorra izan zuen Frantziak 2015ean. Urtarrilean, eraso bortitzak egin ziren Parisen, EI Estatu Islamikoari eta AQAP Arabiar Penintsulako Al-Qaedari loturikoak izan zirenak. Charlie Hebdo aldizkari satirikoaren kontrako erasoarekin hasi, polizia eta supermerkatu baten aurkakoarekin jarraitu, eta guztira hamazazpi lagun hil zituzten. Gaur hasi da atentatu horren kontrako epaiketa, eta erasoak egin zituztenen konplizeek izandako rola ebaluatuko dute —segurtasun indarrek tiroz hil zituzten atentatuak burutu zituzten hiru erasotzaileak —. Epaiketak azaroaren 10era arte iraungo du. Hamalau pertsona daude inputatuta: horietako hamar behin-behinean atxilotuta daude, beste bat kontrol judizialaren pean aske, eta gainontzeko hirurak bilatzeko eta atxilotzeko aginduarekin. Horientzat, bizi osorako kartzela zigorretik hasi eta hamar eta hogei urte arteko zigorrak ere eskatzen dituzte. Hain zuzen, «erakunde terrorista» batean parte hartzea eta erasoen konplize izatea leporatzen diete: laguntza logistikoa, finantzarioa edota materiala ematea.
2020-9-2
https://www.berria.eus/albisteak/186328/eh-bilduk-idurre-bideguren-proposatu-du-senatari-izateko.htm
Politika
EH Bilduk Idurre Bideguren proposatu du senatari izateko
Bermeoko (Bizkaia) alkate ohia Espainiako Senaturako ordezkari gisa proposatu du koalizioak. HIlaren 24an aukeratuko ditu Eusko Legebiltzarrak hiru senatari berriak.
EH Bilduk Idurre Bideguren proposatu du senatari izateko. Bermeoko (Bizkaia) alkate ohia Espainiako Senaturako ordezkari gisa proposatu du koalizioak. HIlaren 24an aukeratuko ditu Eusko Legebiltzarrak hiru senatari berriak.
EH Bilduren zuzendaritzak Idurre Bideguren Bermeoko (Bizkaia) alkate ohia Espainiako Senaturako ordezkari gisa proposatu du. Iazko maiatzean senatari autonomiko aukeratu zuen Eusko Legebiltzarrak, Jon Iñarritu ordezkatzeko, azken hori Espainiako Kongresurako diputatu izendatua izan baitzen. Bideguren bigarren bozketan aukeratu zuten, aldeko 22 boto eta 50 boto zurirekin. Orain, EH Bilduk berriro proposatu du Bideguren senatari posturako. Irailaren 24an aukeratuko ditu Eusko Legebiltzarrak Espainiako Senatura bidaliko dituen hiru senatariak, eta orduan onartuko da Bidegurenen hautagaitza. EH Bildurena ez ezik, EAJk eta PSEk proposatutako senatari bana ere onartuko ditu legebiltzarrak.
2020-9-2
https://www.berria.eus/albisteak/186329/hezkuntza-gastuetarako-1165-milioi-jaso-dituzte-jaurlaritzak-eta-nafarroako-gobernuak.htm
Ekonomia
Hezkuntza gastuetarako 116,5 milioi jaso dituzte Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak
Espainiako Gobernuak emandako dirua da, eta ez dute itzuli beharko.
Hezkuntza gastuetarako 116,5 milioi jaso dituzte Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Espainiako Gobernuak emandako dirua da, eta ez dute itzuli beharko.
BOE Espainiako Aldizkari Ofizialak gaur kaleratu du zehazki zenbat diru jasoko duten Hego Euskal Herriko gobernuek hezkuntza gastu gehigarriak finantzatzeko. Jaurlaritzari 87,2 milioi dagozkio, eta beste 29,3 milioi euro, berriz, Nafarroako Gobernuari. Dirua datorren astean da iristekoa, Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariaren arabera. Diru hori baliatu behar dute COVID-19ari aurre egiteko hezkuntza sailek eta ikastetxeek hartu beharko dituzten neurri bereziak finantzatzeko, hala nola irakasle eta bestelako langileak kontratatzeko, gelak egokitzeko, eta higiene eta garbiketa bermatzeko aparteko gastuak ordaintzeko. Espainiako Gobernuak jarriko du dirua, eta erkidegoek ez diote itzuli beharko. Ekainean, pandemiaren aurka borrokatzeko Madrilek sortutako 16.000 milioi euroren funtsaren bigarren zatia da irailean banatutakoa, 2.000 milioi eurorena. Lehenengoa, osasun gastuak finantzatzeko eratutakoa, uztailean banatu zuen Espainiako Gobernuak. 6.000 milioi izan ziren, eta horietatik 328,6 milioi jaso zituen Eusko Jaurlaritzak, eta 88,7 milioi Nafarroak. Osasun gastuak finantzatzeko beste 3.000 milioi euro banatuko ditu Madrilek azaroan, honako irizpide hauetan oinarrituta: zenbat gaixo sartu diren ZIUetan (%25), ospitaleratutakoen kopurua (%20), egindako PCR probak (%10), eta babestutako biztanleria (%45). Laugarren atal bat du COVID-19 Funtsak, 5.000 milioirena. Horretatik dirurik ez dute jasoko Gasteizko eta Iruñeko gobernuek, zerga bilketaren jaitsierari lotutakoa delako, eta arlo horretan autonomia dutelako.
2020-9-2
https://www.berria.eus/albisteak/186330/elkarretaratze-batera-deitu-dute-biharko-irunean-martin-villaren-galdeketa-egunean.htm
Gizartea
Elkarretaratze batera deitu dute biharko Iruñean, Martin Villaren galdeketa egunean
Elkarretaratze batera deitu dute biharko Iruñean, Martin Villaren galdeketa egunean.
Martin Villaren galdeketaren harira, Sanferminak 78 Gogoan plataformak elkarretaratze batera deitu du biharko Iruñean. Espainiako Estatuko beste zenbait hiritan ere izango dira elkarretaratzeak. Ministro frankista ohia galdekatuko duten egun berean deitu du elkarretaratzera Sanferminak 78 Gogoan plataformak Iruñean. Ekitaldian Martin Villa persona non grata izendatu duten euskal udalerrietako (Lizarra, Zizur, Iruñea, Irun, Gasteiz, Errenteria, Arrasate, Bergara, Elgeta, etab.) ordezkariak ere izango dira. Espainiako Estatuan ere deitu ditu elkarretaratzeetara CEAQUA Kereila Argentinarra Sostengatzeko Estatuko Koordinakundeak, hala nola Madrilen, Asturiasen edo Valentzian. Madrilen (Espainia) galdekatuko dute Martin Villa ministro frankista ohia, Argentinak bertan duen enbaxadan. Argentinako justiziak gizateriaren aurkako krimenak leporatzen dizkio, tartean 1976ko Gasteizko martxoaren 3koa, 1977ko Amnistiaren astekoa eta 1978ko San Ferminetakoa. Guztira, bera karguan zela, 90 pertsona hil zituzten. 2014ean jarri zuen martxan Maria Servini epaile argentinarrak Villaren aurkako epaiketa, bera estraditatzeko eskatu zuenean. 2016ra arte ez zuen lortu Villaren deklarazioa baimentzea, estradizioa ukatu baitzion Espainiako Gobernuak. Hala ere, Auzitegi Nazionalak debekatu egin zion Serviniri galdeketa Espainian izatea, 1977ko Amnistiaren Legeak frankismo garaietan gertatutako krimenak deuseztatzen dituela argudiatuta. Ia bi urteren ondoren heldu da galdeketa, galdetzailea Argentinan eta inputatua Espainian direla. CEAQUAk adierazi du espero duela «horrenbeste saiakeraren ostean, galdeketa gauzatu dadila». Presidente ohien babesa Galdeketa gauzatu baino bi egun aurretik, Espainiako Gobernuko azken lau presidente ohiek eta beste hainbat kargu politiko zein sindikalek sinatutako babes gutunek hautsak harrotu dituzte. Felipe Gonzalezek, Jose Maria Aznarrek, Jose Luis Zapaterok eta Mariano Rajoyk Villak Espainiako Trantsizioan izandako garrantzia azpimarratu dute, «kontsentsuaren eragile» bezala definituz. Villak berak egindako adierazpenetan, hasieratik galdekatua izateko «asmoa adierazi» duela esan du, baina kargu horiek «ezinezkoak» direla gehitu du. Bestalde, CEAQUAK dio Villari babesa ematea «Servini epailearengan presio politikoa ezartzeko ahalegin zikina» dela, eta ikuspuntu juridiko-prozesal eta demokratikotik «onartezina» beharko lukeel.
2020-9-2
https://www.berria.eus/albisteak/186331/gaitza-zuten-41-pertsona-hil-dira-azken-astean-hego-euskal-herrian.htm
Gizartea
Gaitza zuten 41 pertsona hil dira azken astean Hego Euskal Herrian
Beste 680 kasu atzeman dituzte. Ospitaleratzeak ugaritu egin dira: 70 izan dira azken orduetan.
Gaitza zuten 41 pertsona hil dira azken astean Hego Euskal Herrian. Beste 680 kasu atzeman dituzte. Ospitaleratzeak ugaritu egin dira: 70 izan dira azken orduetan.
"Egonkortze zantzuak" ikusten ditu Nekane Murga Jaurlaritzako Osasun sailburuak azken egunetako datuetan. Azken orduetan, 680 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian eginiko 10.505 probetan. Bezperan baino gehiago izan dira, baina, aurreko aste amaierako datuen aldean, apaldu egin dira. Positiboen portzentajea ere jaitsi egin da: egin diren proben artean %6,4 izan dira positiboak. Intzidentziak jaisten ari direla dirudien arren, joera aldaketa bat izan dela adierazteko goizegi dela esan du Murgak. Bizkaian, 246 kasuren berri eman dute; Gipuzkoan, 173 izan dira; Nafarroan, 134; eta Araban, 91. Erkidegotik kanpo beste 46 kasu izan dira. Nafarroan, abuztuaren 24tik 30erako intzidentzia tasa 160 pertsonakoa izan da 100.000 biztanleko; aurreko astearen aldean, handitu egin da. Santos Indurain Osasun kontseilariak adierazi du kezka nagusia Tuterako osasun eremuan dagoela. Izan ere, han bikoiztu egin da intzidentzia tasa: 100.000 biztanleko 393 kutsatzen dira oraintxe. Kutsatzeen datuak apalagoak badira ere, ez da hori ospitaleratzeen kasua. Azken orduetan 70 pertsona sartu dira Hego Euskal Herriko erietxeetan gaitzaren ondorioz, udako agerraldiak hasi zirenetik izan den kopururik handiena. Murgak azaldu du ezin dela konparatu lehen olatuko datuekin, baina kopuruak handiak direla, bai ospitaleratzeenak, baita ZIU zainketa intentsiboetarako unitateetan daudenenak ere. Une hauetan, 377 lagun daude ospitalean. Bestalde, abuztuaren 24tik 30erako asteko txostenak argitaratu dituzte Jaurlaritzako eta Nafarroako osasun sailek. Horren arabera, iragan astean, gaitza zuten 41 pertsona zendu ziren Hego Euskal Herrian, aurreko astean hil zirenak halako bi ia. Abuztuaren 17tik 23ra, gaitza zuten 25 pertsona hil ziren. Aurreko asteko heriotzetatik 28 gaitzaren ondorio zuzenekoa izan ziren. Gainera, Indurainek jakinarazi du azken orduetan pertsona bat hil dela Nafarroan. Iragan asteko xehetasun gehiago ere eman ditu Indurainek. Ugaritu egin ziren kasuak 65 urtetik gorako pertsonetan, eta baita ospitaleratzeak ere. Guztira, 29 lagun ospitaleratu zituzten astean zehar: horietatik erdiak 62 urtetik beherakoak izan ziren. Agerraldi bat Irunen Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur dei egin die Irungo (Gipuzkoa) taberna batean izan zirenei proba egitera joateko. Arratsaldean hasiko dira testak egiten, Ficobako instalazioetan. Osasun sailburuak azaldu du bost kasu atzeman dituztela taberna horretako langileen eta bezeroen artean, eta horregatik erabaki dutela PCR proba masiboak egiten hastea. Mungiako (Bizkaia) taberna batean ere kasu batzuk izan dira, eta probak egingo dizkiete han izan zirenei. gaur 250 test egingo dituzte Urdulizko ospitalean. Bestalde, Gasteizko polizia etxe batean izan zen agerraldia dela eta, 310 proba egin dituzte dagoeneko, eta horietatik bi izan dira positiboak. Beraz, bertako hamabost langile dira kutsaturik daudenak oraingoz.
2020-9-2
https://www.berria.eus/albisteak/186332/amiantoa-behar-bezala-isolatuta-zegoen-zaldibarren-ingurumen-sailaren-arabera.htm
Gizartea
Amiantoa behar bezala isolatuta zegoen Zaldibarren, Ingurumen Sailaren arabera
Eusko Jaurlaritzaren teknikari batek txosten batean nabarmendu duenez, ez dute identifikatu ingurumen baimen integratuak (IBI) baimendutakoez besteko hondakinik
Amiantoa behar bezala isolatuta zegoen Zaldibarren, Ingurumen Sailaren arabera. Eusko Jaurlaritzaren teknikari batek txosten batean nabarmendu duenez, ez dute identifikatu ingurumen baimen integratuak (IBI) baimendutakoez besteko hondakinik
«Ez da identifikatu ingurumen baimen integratuak ezarritakoez bestelako hondakinik», nabarmendu du Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailaren teknikari batek, Zaldibarko Verter Recycling zabortegiak biltzen dituen hondakinei buruz osatutako txostenean. Beraz, hori kontuan hartuta, ondorioztatu behar da amiantoa behar bezala isolatuta zegoela, eta otsailaren 6an gertatutako luiziaren ondoren A-8 autobidean amiantoa topatu baldin bazuten lur jausiaren eraginez izan zela. Topatutako amiantoak Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze luiziaren ondorioz desagertutako beharginen bilaketa lanak eten zituen hasiera batean. Eldiario.es egunkari digitalak eman du Hipolito Bilbaok sinatutako 53 orrialdeko txostenaren berri. Informazio horren arabera, argazki gehienek erakusten dute zabortegia zein egoeratan zegoen otsailean eta martxoan. Verter Recycling-ek 70 hondakin mota jasotzeko baimena zuen. Hondakindegia ireki zutenetik zazpi ikuskaritza egin zizkioten, eta denak gainditu zituen. Iazko udan egindakoaren ondoren, ordea, ikuskatzaileek hainbat irregulartasun detektatu zituzten, eta zigor espediente bat ireki behar zioten enpresari. Kontuan hartu behar da, gainera, Jaurlaritzak 33.000 euroko isuna ezarri ziola Verterri 2012an, baimenik gabe material toxiko bat biltzeagatik. Bi prozedurak bateratuta Bestetik, auziaren prozedura judizialari dagokionez, zabortegiko luiziarekin loturiko bi delituak epaile berak ikertuko ditu. Durangoko epaile dekanoak hala aginduta, herriko lehen instrukzio epaitegiak hartuko ditu bere gain bi prozedurak: pertsonen aurkako delitua eta ingurumen kaltearena. Mugimendu horrek epaibidea arindu beharko luke, froga eta lekukotza berdinek bi ikerketetarako balioko dutelako.
2020-9-2
https://www.berria.eus/albisteak/186333/nafarroako-34-euskal-presoen-egoera-konpontzeko-urratsak-egin-daitezela-eskatu-du-foro-sozialak.htm
Politika
Nafarroako 34 euskal presoen egoera konpontzeko urratsak egin daitezela eskatu du Foro Sozialak
Foro Sozialak salatu du eskuin muturrak eta funtzionario publikoek eragindako biktimak «bigarren mailakotzat» jotzen direla oraindik ere.
Nafarroako 34 euskal presoen egoera konpontzeko urratsak egin daitezela eskatu du Foro Sozialak. Foro Sozialak salatu du eskuin muturrak eta funtzionario publikoek eragindako biktimak «bigarren mailakotzat» jotzen direla oraindik ere.
Espetxe politika moldatu beharra aldarrikatu du Foro Sozialak, batik bat. Adierazi du «premiazkoa» dela «egungo errealitatera» egokituko den lege bat aplikatzea, «eragindako kaltea aitortzea» oinarri edukita horretarako. Asmo hori erdiesteko «pauso irmoak» eman daitezela galdegin dute; diotenez, beharrezkoa baita preso, iheslari eta deportatu nafarrei eragiten dien espetxe politika normalizatu bat aplikatzea. Hain justu, adierazi dute koronabirusak baldintzatua den testuinguru honetan «komenigarria» dela preso nafar guztiak Iruñeko kartzelara hurbiltzea, eta hori ahalbidetuko duen plan bat antolatzeko eskatu diote Nafarroako Gobernuari. Azaldu dute hurbilketa hori «guztiz posible» dela Nafarroaren kasuan; izan ere, diotenez, datuek agerian uzten dute Iruñeko kartzelan «nahikoa leku» dagoela bizilekua edo familia Nafarroan duten 184 pertsonak hartzeko. Eskaera hori egiteko hitza hartu du Foro Sozialaren ordezkaritza batek Nafarroako Parlamentuko Herritarren Harremanetarako Batzordean. Martxoaren 24an egitekoa zuen agerraldia Foro Sozialak Nafarroako Parlamentuan, baina atzo arte atzeratu zen haren hitzaldia, pandemiaren eta konfinamenduaren eraginez. Gaur egungo egoeraren analisia egin dute ordezkariek; azken urteetan izandako lorpenak azpimarratu dituzte, baita egiteko dagoen bidean asmoak zein diren azaldu ere. Foro Sozialeko Expe Iriartek adierazi duenez, bizikidetzak izan behar du gizartearen «lehentasun politikoa», eta gaineratu du «blokeo handiak» daudela oraindik ere bide horretan. Foroak gogora ekarri du, esaterako, helegite bat aurkeztua dagoela eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimei errekonozimendua eta kalte-ordainak ematearen inguruko martxoaren 26ko 16/2019 Foru Legearen gainean. Azaldu du horrek eragotzi egiten duela biktima horien aitortzan pausoak ematea, eta, beste behin, aldarrikatu du «funtsezkoa» dela «herritar guztiek eskubide guztiak bermatuak izatea».
2020-9-2
https://www.berria.eus/albisteak/186334/gasteizko-kirol-jardueretako-langileek-sektoreko-murrizketak-salatu-dituzte.htm
Gizartea
Gasteizko kirol jardueretako langileek sektoreko murrizketak salatu dituzte
Gizarte etxeetako jarduerak %30 murriztu dituztela jakinarazi dute, eta igerileku itxi batzuen irekiera atzeratu dutela. Greba mugagabeari ekin zioten atzo.
Gasteizko kirol jardueretako langileek sektoreko murrizketak salatu dituzte. Gizarte etxeetako jarduerak %30 murriztu dituztela jakinarazi dute, eta igerileku itxi batzuen irekiera atzeratu dutela. Greba mugagabeari ekin zioten atzo.
Gasteizko kirol jardueretako langileek agerraldia egin dute gaur eguerdian, eta datorren ikasturte honetan sektorean egingo diren murrizketak salatu dituzte. Jakinarazi dutenez, Gasteizko Udalak eskaini ohi duen jardueren programazioaren %30 murriztea erabaki du iazko ikasturtearekin alderatuz gero, eta, ondorioz, langileen egoeran eragina izan du. Are gehiago: ohartarazi dute atzo ireki behar zituztela igerileku estaliak, baina instalazioen erdien irekiera astebetez atzeratu dutela. Horrek lan orduetan murrizketak eragingo dituela adierazi dute, eta lanpostuak galtzeko aukera ere badagoela. Sektorea profesionalizatzeko nahia erakutsi dute, eta haren egonkortasuna aldarrikatu. Hain zuzen, sektoreko langileek greba mugagabeari ekin zioten atzo, enpresen eta langileen ordezkarien artean akordiorik ez zutelako lortu. ELA, LAB eta CCOO sindikatuek babestu dute egitasmoa, eta, emandako informazioaren arabera, grebaren erantzuna «positibotzat» jo dute. Esate baterako, sindikatuek azaldu dutenez, atzo udal pilotalekuetako langileen erantzuna «erabatekoa» izan zen. Mendizorrotzako eta Gamarrako igerilekuetan, berriz, soilik sorosle bat joan zen lanera. Igerileku itxietan langileen %90ek egin zuen atzo greba. Datozen egunetan ere grebaren arrakasta handia izatea espero dute. Gainera, astelehenean hasiko dira gizarte etxeetako jarduerak, eta baliteke bertako begiraleek ere grebarekin bat egitea, orain arte eginiko batzarretan parte hartu baitute. Langileek azaldu dute egoera «larria eta onartezina» dela, eta Gasteizko Udalaren jarrera ere salatu dute. Hain zuzen, egun, bi enpresaren esku daude Gasteizko kirol instalazioak: Aiteko eta Disport. Lehenak gizarte etxeetako kirol jardueren ardura du, eta baita Mendizorrotzako igerilekuena ere. Bigarrena, berriz, gizarte etxeetako sorosleez arduratzen da. Sindikatuen arabera, Udalak bi enpresekin hitz egiteko konpromisoa hartu zuen duela bi aste, igerilekuak irekitzeko eta ixteko protokolo bat eskatzeko, besteak beste. Izan ere, erantsi dute eguneko lanaldia ordu erdiz murriztu dela, eta subrogazio baldintzak ez direla betetzen. Hala ere, langileak enpresekin bildu ziren, eta jakin zuten udalak ez zuela halakorik egin. Horrez gain, ikastaroak sustatzeko proposamen bat ere egin zuten langileek, baina adierazi dute udalak horri ez diola «inolako» erantzunik eman. Gorka Urtaran alkateak ere adierazpenak egin ditu. SER irratiko elkarrizketa batean azaldu du ez dituela sorosleen eta begiraleen aldarrikapenak ulertzen, lanerako eskatzen zaien gauza bakarra «lehen mailako ikasketa titulua» delako, eta urtean 20.000 eta 25.000 euro bitartean kobratzen dituztelako. Sindikatuek uste dute adierazpen horiek «hanka sartze bat» izan direla, eta sektore honetako langileen jarduna gainontzekoak bezain «errespetagarria» dela. Are gehiago, erantsi dute ez dela egia langileek soldata hori dutenik. «Greba honi zilegitasuna kentzeko argudioak horiek baldin badira, gure borrokak indar gehiago hartzen du. Hau ez da gatazka ekonomiko bat». Lankide bat kaleratuta Langileek jasandako presioak ere salatu dituzte gaur eginiko agerraldian, baita Aiteko enpresako lankide baten kaleratzea ere. Haien arabera, horrelako jarrerak «onartezinak» dira, eta, ardura enpresa azpikontratatuarena bada ere, udalak ere egoera gogoan izan behar du: «Berak kontratatzen du enpresa». Jakinarazi dute egoera hau ez dutela amaituko langilea bere lanpostuan onartu bitartean, eta negoziatzeko prest ere badaudela. «Langileok argi eta garbi erakutsi dugu negoziatzeko eta akordioak lortzeko borondatea dugula. Udaleko arduradun nagusiei dei egiten diegu beren erantzukizuna behin betiko onartzeko eta langileok zein erabiltzaileok jasaten ari garen gatazka konpontzeko».
2020-9-2
https://www.berria.eus/albisteak/186335/tunisian-gobernu-berria-onartu-dute.htm
Mundua
Tunisian gobernu berria onartu dute
Aise babestu dute Hixem Mexixi lehen ministroak aurkeztutako gobernua: aldeko 134 boto jaso ditu, eta 67 kontrako.
Tunisian gobernu berria onartu dute. Aise babestu dute Hixem Mexixi lehen ministroak aurkeztutako gobernua: aldeko 134 boto jaso ditu, eta 67 kontrako.
Tunisiako Parlamentuak babesa eman dio Hixem Mexixi lehen ministroak aurkeztutako gobernuari. Atzo egin zuten bozketa, aurreko gobernuak ustelkeriagatik dimisioa eman ostean, eta aldeko 134 boto eta 67 kontrako jaso ditu. Uztail amaieran, Kais Said presidenteak Hixem Mexixi teknokrata izendatu zuen gobernuburu. Mexixi, kargugabetutako gobernuan Barne ministro zena, bederatzigarrena izango da lehen ministro kargua hartzen 2011n Udaberri Arabiarrak izenez ezagun egin ziren matxinadak bultzatu zituen altxamendutik. Haren aurrekoen kasuan bezala, lehentasunen artean du ustelkeriaren aurka egitea. Saioa hasi baino ordu batzuk lehenago emandako diskurtsoan azaldu zuen bere programa, eta jakinarazi “erreforma administratiboak eta fiskalak” egingo zituela herrialdea krisi politiko eta sozial larritik ateratzeko asmoz. Gobernuaren dimisioa Koalizioa osatzen zuten alderdien artean Joera Demokratikoa zegoen, zeinak hasieratik jarri duen ustelkeriaren aurkako borroka bere programa politikoaren erdigunean. Buruzagia, Mohamed Abbu, Ben Aliren aurkari historikoa izandakoa, Funtzio Publikorako ministro izendatu zuten, eta alderdiko bigarrena, Ghazi Xauaxi, Estatuaren Jabetzarako ministro, administrazioko oinarrizko bi postu. Ondorioz, gobernuak iraun zuen bost hilabeteetan, hogei funtzionarioren baino gehiagoren aurkako ustelkeria auziak hasi zituzten, tartean goi kargudun ohien aurkakoak; besteak beste, errepideetako zuzendari izandakoaren kontrakoa. Hala ere, paradoxikoki, botere trafikoari lotutako eskandalu batek eragin zuen gobernuaren gainbehera. Gobernuburuak, Elias Fajfalek, zeinak teknokrata profila zuen alderdi txiki bateko buru izan arren, apirilean 14 milioi euroko balioa zuten hondakinen kudeaketarako bi lehiaketa publiko irabazi zituen enpresa bateko akzioen %20 zituen. Nahiz eta ez dagoen frogarik esateko Fajfalek bere enpresari mesede egiteko esku hartu zuela, hilabete iraun zuten eztabaiden eta Ennahda alderdiko islamista moderatuen babesa galdu ondoren, lehen ministroak amore eman eta dimisioa aurkeztu zuen.
2020-9-2
https://www.berria.eus/albisteak/186336/lehendakari-kargua-hartu-eta-gero-jakinaraziko-du-urkulluk-jaurlaritzaren-osaera.htm
Politika
Lehendakari kargua hartu eta gero jakinaraziko du Urkulluk Jaurlaritzaren osaera
Larunbatean egingo du karguaren zina, Gernikako juntetxean. Murgak azaldu du Urkulluri esan diola "bere esanetara" dagoela.
Lehendakari kargua hartu eta gero jakinaraziko du Urkulluk Jaurlaritzaren osaera. Larunbatean egingo du karguaren zina, Gernikako juntetxean. Murgak azaldu du Urkulluri esan diola "bere esanetara" dagoela.
Eusko Legebiltzarrean bihar egingo dute Eusko Jaurlaritzako lehendakaria izendatzeko saioa. Bi hautagai daude: EAJkoa, Iñigo Urkullu, eta EH Bildukoa, Maddalen Iriarte. Biharko saioan, 90 minutuz hitz egiteko aukera izango dute biek, eta arratsaldean izango da alderdien arteko eztabaida; amaieran, bozketa. Urkulluren hitzaldiak lau zati izango ditu; lehenbizikoan, koronabirusaren izurriaz eta ondorioez mintzatuko da, eta, jarraian, legealdiko ardatz nagusiez; gero, gobernu programa xehatuko du, eta, azkenik, autogobernuaz jardungo du. EH Bilduk jakinarazi duenez, berriz, Iriartek «bestelako politikak eta gobernantza eredu ezberdin bat posible eta beharrezkoak direla» azalduko du inbestidura saioan. Bozketa horretan, ezuste handirik ezean, Urkulluk eskuratuko du lehendakari izateko babesa, EAJk eta PSE-EEk gobernu akordio bat egin eta gero. Gobernu akordio osoa bihar bertan ezagutaraziko dute alderdiek, eta oraindik jakiteko dago gobernua nork osatuko duen ere. Edozein modutan, osagai batzuk ezagutzen hasi dira jada. Euskadi Irratiak jakinarazi duenez, 11 sailez osatutako Jaurlaritza bat izango da, eta ziurtzat jotzen dute bi lehendakariorde egongo direla, alderdi bakoitzeko bat. Iñigo Urkulluk larunbatean egingo du lehendakari karguaren zina egiteko ekitaldia, Gernikako juntetxean (Bizkaia), eta ekitaldi horren ostean emango du gobernua osatuko duten pertsonen berri. Horiek datorren asteartean hartuko dute sailburu kargua, eta asteartean bertan egingo du Jaurlaritza berriak aurreneko gobernu kontseilua. Ikusteko dago egungo sailburuetatik nortzuek jarraituko duten karguan eta nortzuek ez. Gaiaz galdetu diote Nekane Murga Osasun sailburuari: "Nik lehendakariari esan diot bere esanetara nagoela, beti egon naizen bezala, postu honetan edo nire gaitasunen arabera eta Euskadik eta Osakidetzak behar dutenaren arabera lan egin dezakedala uste duen postuan".
2020-9-2
https://www.berria.eus/albisteak/186337/ostiralean-jarriko-dute-martxan-nafarroan-ikasle-eta-irakasleei-testak-egiteko-plana.htm
Gizartea
Ostiralean jarriko dute martxan Nafarroan ikasle eta irakasleei testak egiteko plana
Probak egingo dizkiete zahar etxeetako 6.000 egoiliarri.
Ostiralean jarriko dute martxan Nafarroan ikasle eta irakasleei testak egiteko plana. Probak egingo dizkiete zahar etxeetako 6.000 egoiliarri.
Astelehenean iragarri zuen Carlos Gimeno Nafarroako Hezkuntza kontseilariak hezkuntzako langileei testak egiteko plan bat adostu zuela gobernuak, eta gaur jakinarazi dituzte xehetasunak. Printzipioz testak gehienbat hezkuntzako langileei egingo zizkietela esan bazuten ere, Santos Indurain Osasun kontseilariak azaldu du ikasleei ere egingo dizkietela probak. Ostiralean jarriko dute martxan plana, Tuteran. Izan ere, COVID-19aren intzidentzia bereziki altua da inguru horretan. Gero, Nafarroako beste eremuetan ere hasiko dira testak egiten, eta mila proba inguru egingo dituzte guztira. Kontseilariak azaldu du maila ezberdinetako ikasle zein irakasleen antigorputzen prebalentzia neurtu nahi dutela test horien bitartez. Osasun Sailak ausaz hautatuko ditu ikasle eta irakasleak, eta test azkar bat egingo zaie ikastetxean bertan. Emaitzaren arabera, PCR proba egin edo ez erabakiko dute. "Horri esker kasu aktiboak atzeman ahal izango ditugu pertsona asintomatikoengan eta pertsona horien egoera immunologikoa nolakoa den jakingo dugu", esan du Indurainek. Ostiralean, gurasoek sinatu beharreko baimen bat emango diete Tuterako ikasleei, eta datorren astean bertan hasiko dira testak egiten. Bestalde, Indurainek azaldu du osasun egoera zaurgarria duten irakasle eta ikasleei odol bidezko ELISA probak egingo dizkietela, immunitate maila neurtzeko. Proba horiek, baina, ikastetxetik kanpo egingo dira. Irakasleen kasuan lan osasunetik bideratuko dira, eta ikasleen kasuan, lehen arretatik. Testak egingo dizkiete egoiliarrei ere Hezkuntzan ez ezik, zahar etxeetan ere egingo ditu testak Nafarroako Osasun Sailak. Herrialde osoko 6.000 egoiliar ingururi egingo dizkiete testak osasun langilek, eta bi motatakoa izango dira: batetik, PCR probak, eta bestetik immunitate maila neurtzeko ELISA testak. Helburua kasu asintomatikoak atzeman eta egoiliarren egoera immunologikoa nolakoa den jakitea izango da, Indurainen esanetan.
2020-9-2
https://www.berria.eus/albisteak/186338/elkarrekin-podemosek-gardentasunik-eza-leporatu-die-eajri-eta-pseri.htm
Politika
Elkarrekin Podemosek «gardentasunik eza» leporatu die EAJri eta PSEri
Maddalen Iriartek «gobernantza eredu alternatiboa» proposatuko du biharko inbestidura saioan.
Elkarrekin Podemosek «gardentasunik eza» leporatu die EAJri eta PSEri. Maddalen Iriartek «gobernantza eredu alternatiboa» proposatuko du biharko inbestidura saioan.
EAJk eta PSEk atzo sinatu zuten datorren legealdirako koalizio gobernurako ituna, eta gaur Elkarrekin Podemosek agerraldi batean salatu du akordio hori «asmo orokorrez» josita dagoela eta dokumentuaren «letra txikia» ezagutaraztea eskatu du. Bihar arte ez da jakinaraziko jeltzaleen eta sozialisten arteko akordioa —Iñigo Urkulluk aurkeztuko du inbestidura saioan— eta horregatik kexu agertu da Pilar Garrido Ahal Dugu-ko koordinatzaile nagusia. «Gardentasunik gabe» jardutea aurpegiratu die Jaurlaritzako bazkideei: «Faltan ditut gardentasuna eta argitasuna. Krisialditik irteteko hartuko dituzte neurri zehatzak argi eta garbi azaldu behar dituzte». EAJk eta PSEk sinatutako gobernu akordioaren mamia ezagutu gabe ere, Garridok uste du «porrot» egin duten politikei eutsiko diela Jaurlaritza berriak. Hori horrela, Ahal Dugu-ko buruak «arduraz» jokatzeko, «anbiguotasunak» alde batera uzteko eta neurri zehatzak hartzeko eskatu dio hurrengo gobernuari. Garridok berretsi du biharko inbestidura saioan ez dituztela babestuko ez Iñigo Urkulluren ez Maddalen Iriarteren hautagaitzak, eta abstenitu egingo direla bi bozketetan: «Hautagaitza batek ere ez ditu betetzen ezkerreko bloke indartsu bat osatzeko baldintzak». Iriarteren hitzaldia Hain justu, biharko inbestidura saioan EH Bilduren lehendakarigaiak «bestelako politikak» eta «gobernantza eredu alternatiboa» aldarrikatuko ditu. EH Bilduk ohar batean jakinarazi duenez, Iriartek bere hitzaldian adieraziko du gizarteak «ezkerreko alternatiba politiko sendoa eta sinesgarria» behar duela, eta bere gobernu programa aurkeztuko du osoko bilkura. Programaren lehentasunen artean hauek ezarriko ditu: pandemiak eragindako krisi sanitario, ekonomiko eta sozialari aurre egitea eta neurri zehatzak abiatzea osasunean, hezkuntzan, enpleguan, zaintza eta justizia sozialean. Horrekin batera, Iriartek burujabetzaren aldarrikapena ere ahotan izango du. EH Bilduk iragarri du ordezkaritza zabala bidaliko duela legebiltzarreko saiora. Besteak beste, Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusia izango da, eta harekin batera Euskal Herri osoko hainbat ordezkari instituzionalak ere.
2020-9-2
https://www.berria.eus/albisteak/186339/gurasoei-gaixo-agiria-edo-baimen-ordainduak-emateko-exijitu-du-labek.htm
Gizartea
Gurasoei gaixo agiria edo baimen ordainduak emateko «exijitu» du LABek
Sindikatuak adierazi du haurren zaintzaren lan karga emakumeek hartu beharko dutela, eta gaixo agiria ezarri ezean «langileen kontziliaziorako baimen ordainduak» eskatu dizkie Hego Euskal Herriko bi gobernuei eta patronalei.
Gurasoei gaixo agiria edo baimen ordainduak emateko «exijitu» du LABek. Sindikatuak adierazi du haurren zaintzaren lan karga emakumeek hartu beharko dutela, eta gaixo agiria ezarri ezean «langileen kontziliaziorako baimen ordainduak» eskatu dizkie Hego Euskal Herriko bi gobernuei eta patronalei.
Bakartuta dauden eta COVID-19aren proban negatibo eman duten haurren gurasoei gaixo agiririk ez ematea erabaki du Espainiako Gobernuak. Frantziako Gobernuak, aldiz, etxean bakartu behar dituzten haurren gurasoei agiria ematea onartu du, haurren hezkuntzaren arduradunak izango direla ulertuta. Laster heldu dira Espainiako Gobernuak hartutako erabakiaren lehen erantzunak. LAB sindikatuak gaixo agiria emateko «exijitu» dio Gizarte Segurantzari; eta aukera hori eman ezean langileen kontziliazio baimen ordainduak ematea eskatu die Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari, CENi eta Confebaski. Sindikatuak gogor kritikatu du Espainiako Gobernuak hartutako erabakia, «lan merkatuaren ezjakintasun handia» ezkutatzen duela argudiatuta. Langile guztiak «egoera berean» daudela pentsatzeak justifikaziorik ez duela adierazi du, seme-alaben zaintzaz arduratzeko lana utzi beharko dutenak emakumeak izango direla argudiatuz. Lana alde batera uzteko aukera duten emakumeek «soldatarik gabeko lizentziaren bat» hartu beharko dutela salatu du LABek. Gehitu dute pandemiak eragindako aurreko konfinamenduan zaintza lanen karga osoa emakumeen esku geratu zela, eta ez daudela egoera hori errepikatzeko prest.
2020-9-2
https://www.berria.eus/albisteak/186340/esk-k-eskatu-du-beste-hiru-opositore-ikertzeko.htm
Gizartea
ESK-k eskatu du beste hiru opositore ikertzeko
Azterketen filtrazioengatik anestesista espezialitaterako lan eskaintza publikoan «onurak» izan zituztela uste du sindikatuak. 24 lagun ari dira orain lekuko gisa mintzatzen epaitegian, eta sindikatuak ontzat jo du hori.
ESK-k eskatu du beste hiru opositore ikertzeko. Azterketen filtrazioengatik anestesista espezialitaterako lan eskaintza publikoan «onurak» izan zituztela uste du sindikatuak. 24 lagun ari dira orain lekuko gisa mintzatzen epaitegian, eta sindikatuak ontzat jo du hori.
Asteartean hasi zen Osakidetzako 2016-2017ko LEP lan eskaintza publikoetako iruzurraren auziaren fase berri bat, eta 24 lekuko pasatuko dira datorren egunetan epailearen aurretik, LAB sindikatuak eskatuta. Asmoa da oposizioetan izena eman zuten hainbat kide eta bestelako jardueretan aritu ziren pertsonan batzuk —aztertzaileak, ustez gardentasuna bermatzeko protokoloaren egilea, Osakidetzako ardura postuetako langileak...— galdekatzea, eta, beharrezkoa izango balitz, inputatzea. LABek, esaterako, epaileari eskatu dio garai hartan Osakidetzako zuzendaritzan zeudenak inputatzeko —tartean Jon Darpon, 2012 eta 2019 artean Jaurlaritzako Osasun sailburua izandakoa, eta Maria Jesus Mugika Osakidetzako zuzendari nagusi ohia—. Eta gaur ESK-k beste eskaera bat egin du: anestesista espezialitateko LEPean parte hartu zuten hiru mediku azter ditzatela, argitzeko ea filtrazioen «onuradunak» izan ote ziren. Lekukoen testigantzetan oinarritu da sindikatua eskaera hori egiteko: «Deklarazioen ostean, ESK-k berresten du bere ikuspegia: onuradunak izan zirela filtrazioengatik, nahiz eta ukatu duten azterketa lehenago jaso izana». Sindikatuaren ustez, kontuan hartu behar da zer nota jaso zuten azterketagile horiek, eta eskatu dute aztertzeko ESK-k epaile aurrean aurkeztutako notario akta, bertan azaltzen baita ikasle horien izena: «Gure ustez, klientelismo sare horren onuradunak izan dira, eta haien ekintzen bitartez sare hori iraunarazi dute». Medikuak, atakan Atzo, LABeko ordezkariak izan ziren Gasteizko epaitegian, eta bertan nabarmendu zuten azterketan izen ematen duten medikuen egoera ere ez dela samurra: «Osakidetzako langileen artean, behin-behinekotasunik handiena medikuen artean dago. Lehiaketa egitera doazenak badakite giltza zerbitzuburuak duela, eta, beraz, haiei men egin besterik ez dute askotan». Medikuak, hortaz, kaltetu «handienak» direla ohartarazi zuten. Gaur segituko dute lekukoek epaile aurrean hitza hartzen. Astelehenera arte, guztira, hamasei testigantza entzun ahal izango ditu epaileak.
2020-9-2
https://www.berria.eus/albisteak/186341/maduro-laquodonald-trumpek-ni-hil-nazatela-onartu-duraquo.htm
Mundua
Maduro: «Donald Trumpek ni hil nazatela onartu du»
Venezuelako Gobernuak salatu du AEBetako estatuburuak frankotiratzaile talde bat mugitu duela Nicolas Maduro presidentea hiltzeko.
Maduro: «Donald Trumpek ni hil nazatela onartu du». Venezuelako Gobernuak salatu du AEBetako estatuburuak frankotiratzaile talde bat mugitu duela Nicolas Maduro presidentea hiltzeko.
Nicolas Maduro Venezuelako presidentea VTV estatuko telebista kate publikoan mintzatu da, gobernuak espetxean zeuden oposizioko 25 diputaturi barkamena eman eta biharamunean. Alabaina, Madurok esandako beste adierazpen batek piztu du arreta handiena. Salatu duenez, Donald Trump AEBtako estatuburua «frankotiratzaile talde bat Venezuelara mugitzeko saiakera egiten ari da, edota armak erosteko asmoa dauka. Trumpek ni hil nazatela onartu du. Ni hil nazatela. Ez naiz esajeratzen ari», esan du. AEBetako presidenteak «etikarik ez» duela gehitu du. Ildo beretik. Madurok ohartarazi du AEBetako gobernuaren «eraso bortitzenen biktima» izan dela, eta haren etikari eta jarrerari buruz «astakeriak» leporatu dizkiola. «[AEBek] hamabost milioi dolar eskaini zuten nire biziaren truk», gogoratu du. Martxoaren 26an, Trumpen gobernuak Venezuelako presidentea auzitara eraman zuen, narkotrafikoa egotzita. Nabarmendu du «fusila buruan apuntatuta» duen arren oposizioko kideei barkamena ematera «ausartu» dela. Gobernuaren erabakiak, bestalde, jarraitzaile asko haserrearazi ditu. Ez da lehen aldia Madurok horrelako salaketarik egiten duela. Uztailaren 26an, Venezuelako Gobernuak Ivan Duque Kolonbiako presidenteari herrialde latinoamerikarreko buruzagia hiltzeko ekintza antolatzea egotzi zion.
2020-9-2
https://www.berria.eus/albisteak/186342/aciturrik-214-behargin-kaleratuko-ditu-lau-lantegitan.htm
Ekonomia
Aciturrik 214 behargin kaleratuko ditu lau lantegitan
Berantevillan (Araba) eta Ayuelasen (Miranda Ebro, Espainia) dozenaka kaleratze egongo direla aurreikus daiteke. 214 kaleratu osatu arte, Tres Cantos (Madril) eta Boecillo (Valladolid,Espainia) fabriketan ere kontratuak hautsiko ditu aeronautika taldeak
Aciturrik 214 behargin kaleratuko ditu lau lantegitan. Berantevillan (Araba) eta Ayuelasen (Miranda Ebro, Espainia) dozenaka kaleratze egongo direla aurreikus daiteke. 214 kaleratu osatu arte, Tres Cantos (Madril) eta Boecillo (Valladolid,Espainia) fabriketan ere kontratuak hautsiko ditu aeronautika taldeak
Jakina zen Aciturri taldeak kaleratzeak egingo zituela, bai Aciturriren fabriketan baita Alestis bere adarrarenean ere. Atzo jakinarazi zuten 87 izango direla Alestisen lana galduko duten beharginak, Miñaoko lan zentroan hain zuzen. Gaur, berriz, Aciturrik beste 214 kaleratze egingo dituela eman du ezagutzera Espainiako UGT sindikatuak. Kaleratze horiek lau fabrikatako lantaldeen artean egingo ditu, eta horietako bat Berantevilla da, Araban. Beste bat mugan dago, Miranda Ebron (Burgos), eta beraz, bien artean dozenaka kaleratu egingo direla aurreikus daitezke. Gainontzeko kaleratzeak 214 osatu arte, Espainiako beste bi lantegitan egingo ditu aeronatika konpainiak, Madrilen (Tres Cantos) eta Valladoliden (Boecillo). Airbus eta Boeing erraldoiek milaka kaleratze iragarri zituzten uda hasieran, sektoreak bizi duen krisi latza tarteko. Ondoren, domino efektu bat iritsi da: ITP, Aernnova, Aciturri, Alestis... Sektorea zulo beltz batean dago martxotik, koronabirusak lurrean utzi zituenetik hegazkinak. Aire konpainia ugari amildegiari begira daude, eta beste asko estatu laguntzei esker bizirauten, bidaiarien garraio kolektiboa suspertzen den arte. Gaur-gaurkoz ez du ematen berehala gertatuko denik hori. Bitartean, sekoreak Euskal Herrian duen azpiegitura uzkurtzen ari da astetik astera, eta euskal industriarentzat albiste oso txarrak da hori, Hegan klusterreko enpresetako lanpostuak kalitatezkoak direlako oro har, eta balio erantsi handiko jarduera bat delako aeronautika, lan merkatua txukuntzen lagundu dezakeen horietakoa susperraldia iristen denean. Negoziazioa, Madrilen UGTk jakinarazi du erabat baztertzen duela 214 kaleratze jasotzen dituen enplegua eteteko dosierra. Neurri traumatikoak saihestuko dituen alternatibak nahi dituzte sindikatuek; hala esan diote zuzendaritzari kontsulta epeko lehen bileran. «Irteera negoziatuak» eskatu ditu Espainiako sindikatu horrek, eta azaldu du «unean uneko arazo bat» bizi duela sektoreak, eta kualifikazio handiko enpleguei eusteko ahalegin bat egin behar duela Aciturrik. Alestisen kasuan gertatu den moduan, Aciturrik Madrilera eraman du erregulazioaren negoziazioa, euskal sindikatuak bazter utzita. Hala, zuzendaritzak soilik Espainiako sindikatuekin abiatu ditu elkarrizketak, ELAk Alestisekin gertatu dena salatu duenaren antzera.
2020-9-2
https://www.berria.eus/albisteak/186343/van-aertek-irabazi-du-ihesaldirik-gabeko-tourreko-etapa.htm
Kirola
Van Aertek irabazi du ihesaldirik gabeko Tourreko etapa
Taldeak emandako askatasuna baliatu du flandriarrak Tourreko 5. etapa zakuratzeko. Haizearen beldurrez izan da tropela, baina ez du indarrez jo. Alaphilippek elastiko horia galdu du, bidoi bat legez kanpo hartzegatik. Adam Yates da lider berria.
Van Aertek irabazi du ihesaldirik gabeko Tourreko etapa. Taldeak emandako askatasuna baliatu du flandriarrak Tourreko 5. etapa zakuratzeko. Haizearen beldurrez izan da tropela, baina ez du indarrez jo. Alaphilippek elastiko horia galdu du, bidoi bat legez kanpo hartzegatik. Adam Yates da lider berria.
Orain arte lanean zintzo aritu ondotik, gaur distira egiteko txanda iritsi zaio Wout van Aerti (Lotto Jumbo). Flandriarrak esprintean irabazi du Tourreko bosgarren etapa, Gap eta Privas artean jokaturikoa. Amaiera aukerakoa zen Van Aertentzat, goranzko joera baitzeukan. Kokapen paregabea hartu du azken metroetan, eta buruz buru gailendu zaio Cees Boli (Sunweb). Hirugarren Sam Bennett izan da (Deceuninck), eta haren taldekide Julian Alaphilippek elastiko horia galdu du, bidoi bat legez kanpo hartzeagatik. Adam Yates da lider berria (Mitchelton). Harrigarria izan arren, ihesaldirik gabeko eguna izan da. Tropelak bat eginda osatu du 183 kilometroko etapa, txango bat balitz bezala. Faboritoen taldeek haizearen kezka zuten, azken zatian mistralak indarrez jo baitzezakeen. Hala, erritmo apalean osatu dute etaparen zatirik handiena, eta talde apalek ez dute imintziorik txikiena ere egin. Belarriak tentetu egin dira tropelean Montelimar igaro ostean, baina ez da esperotako borrokarik izan. Bazegoen haizea, baina ez da izan haize babesak sortzeko adinakoa. Ineosek egin du saiakera, baina alferrikakoa izan da. Esprinta Sunwebek bideratu du, Bolen mesedetan. Haatik, errematea ematerakoan gehiago izan da Van Aert. Beste inor ez da sartu garaipenaren lehian. Bukaera aproposa zen Peter Saganentzat (Bora) eta Caleb Ewanentzat (Lotto Soudal), baina ahala falta izan zaio bati, eta kokapena besteari. Eslovakiarrak maillot berdea erantzi du, eta Bennettek jantzi. Igotzaileak lasai ederrean izan dira, baina azterketa izango dute hurrengo etapan, Mont Aigoualen amaitzen den etapan. Mendate etzana da (8,3 kilometro eta %4ko pendiza), baina, aurrez, Lusette gogorra (11,7 kilometro eta %7,3) igo beharko dute. %12-13ko aldapak ditu, eta gainean gainsariak izango ditu. Toki aproposa izan daiteke lasterketa mugitzeko.
2020-9-2
https://www.berria.eus/albisteak/186344/osatu-da-zortzikoa.htm
Kirola
Osatu da zortzikoa
Oriok irabazi du Kontxako Banderako sailkatze estropada, eta harekin batera sailkatu dira Tolosaldea, Arraun Lagunak, Zumaia, Hondarribia, San Juan eta Hibaika. Donostiarrak osatuko du datozen bi igandeetan banderaren lehian ariko den traineru multzoa.
Osatu da zortzikoa. Oriok irabazi du Kontxako Banderako sailkatze estropada, eta harekin batera sailkatu dira Tolosaldea, Arraun Lagunak, Zumaia, Hondarribia, San Juan eta Hibaika. Donostiarrak osatuko du datozen bi igandeetan banderaren lehian ariko den traineru multzoa.
Ezuste handirik gabe joan da Kontxako sailkatze estropada, eta emakumezkoek datozen bi igandeetan lehiatuko duten banderak baditu zortzi hautagaiak. Orio izan da azkarrena gaurko erlojupekoan, eta haren atzetik sailkatu dira Tolosaldea, Arraun Lagunak, Zumaia, Hondarribia, San Juan eta Hibaika. Zortzigarren trainerua Donostiarra izango da, hirikoa izateagatik Udalak aukera hori ematen diolako. Kanpoan geratu den lehen taldea Ondarroa izan da, sei segundora, eta Cabok ia hamar segundoko galera izan du. Horrenbestez, Gipuzkoako zortzi traineru ariko dira banderaren bila. SAILKAPENA 1. Orio 11.08,82 2. Tolosaldea 8,82ra 3. Arraun Lagunak 12,26ra 4. Zumaia 19,34ra 5. Hondarribia 19.70era 6. San Juan 24,70era 7. Hibaika 29.14ra 8. Ondarroa 35,14ra 9. Cabo 39,10era 10. Isuntza 49,30era 11. Lutxana 49,92ra 12. Tiran 53,20ra 13. Chapela 1.10,48ra Igandeko txandak Estropada jokatu eta berehala egin dute datorren igandeko txanden zozketa, (10:00etan hasiko da estropada) eta honela geratu dira: 1. Arraun Lagunak, Tolosaldea, San Juan eta Hondarribia. 2. Zumaia, Donostiarra, Orio eta Hibaika.
2020-9-2
https://www.berria.eus/albisteak/186345/inoizko-grabitate-uhinik-handiena-atzeman-dute-zientzialariek.htm
Gizartea
Inoizko grabitate uhinik handiena atzeman dute zientzialariek
Bi zulo beltzen fusioaren lorratza dela adierazi dute. 2015ean atzeman zituzten estreinakoz uhin horiek; ikerketa alor oso emankorra dira.
Inoizko grabitate uhinik handiena atzeman dute zientzialariek. Bi zulo beltzen fusioaren lorratza dela adierazi dute. 2015ean atzeman zituzten estreinakoz uhin horiek; ikerketa alor oso emankorra dira.
2016ko otsailean, grabitate uhinek susmo izateari utzi zioten. Esperimentu baten bitartez uhin horiek antzematea lortu zutela jakinarazi zuten LIGO behatokiko arduradunek, eta ikerketarako esparru berri eta guztiz erakargarri bat ireki zela adierazi zuten zientzialari askok. Iragarpen horiek betetzen ari dira: gaur, esate baterako, inoiz atzemandako uhinen iturbururik handienaren gaineko berria zabaldu dute LIGO eta Virgo behatokietako arduradunek —elkarlanean ari dira, 2.000 aditu batzen dituen nazioarteko proiektu zabal batean—, eta aurkikuntzak galdera berri asko ekarri dituela onartu dute. Uhin hori, propio, iazko maiatzean detektatu zutela adierazi dute, segundo hamartar bat besterik ez zuela iraun, eta oso ezberdina zela ordura arte antzemandakoekin alderatuta. «Normalean, karranka antzeko bat antzematen dugu; honek ez zuen beste horien antzik», adierazi du Frantziako (CNRS) Virgo Nelson Christensen ikertzaileak. Ondorioztatu dute bi zulo beltzen fusioaren emaitza dela uhin hori, baina onartu dute galdera handiak dituztela orain. Uhinaren iturburua Lurretik bost gigaparsec-era dagoela adierazi dute, eta, beraz, inoiz atzemandako urrunena ere badela grabitate uhin hori. Astrofisikako gaiekin usu gertatu ohi denez, irudikatzen ere zaila da distantzia hori; atera kontuak, gigaparsec bakoitza 3.260 milioi urteren baliokidea da. Zulo beltzen fusioa irudikatzen duen eskema artistiko bat (goian), eta fusioak eragindako grabitate uhinak (behean). LIGO / EFE Tamainan ere irudikatzen zaila da uhinaren iturburutzat duten zulo beltzen fusioa. Zientzialariek egin dituzten kalkuluen arabera, 85 eguzkiren adinako masa zuen batek; besteak, berriz, 66 eguzkirena. Onartu dute, orain arte ikasitakoa aintzat hartuta, oso handiak direla biak, galdera berrien iturburua. Energia izugarria sortu zuen fusio horrek, eta, hain justu, ikertzaileek uste dute atzemandako uhina horren lorratza dela. Zer dira grabitate uhinak? Metaforetara jotzen dute usu zientzialariek grabitate uhinak zer diren azaltzeko; ozeano kosmikoko olatuak direla esaten dute batzuek, eta urmael batean atzeman daitezkeen uhinez mintzatzen direnak ere badira. Albert Einsteinek 1905ean argitaratu zuen erlatibitatearen teoria. Orduan esplikatu zuen espazio-denbora tenkatutako oihal baten antzekoa dela: han objektu astunak jartzen direnean, desitxuratu egiten da. Desitxuratze horien ondorioz sortzen dira, hain zuzen ere, grabitazio uhinak. Ezin izan zuen horien gaineko ebidentziarik eman, ordea. Aurkikuntzarekin erlatibitatearen teoria berriz berretsi dela uste dute zientzialariek, inoiz baino ageriago geratu dela hark esandakoen egokitasuna. Kosmosa ulertzeko ate berri bat ireki dute uhin horiek. Uhinok atzeman aurretik, soilik gorputzek igortzen duten argiari begira egon dira astrofisikariak, baina egun horiek sortzen duten grabitateari ere erreparatu ahal izan diote. Era horretan uste dute, esaterako, zulo beltzen antzeko fenomenoak ikertzeko era erraztuko dela. Espazioaren sorrera bera, Big Bang teoria, hobeto ikertu ahal izango dela adierazi zuten LIGOko zientzialariek.
2020-9-7
https://www.berria.eus/albisteak/186346/bigarren-olatua-astez-aste-handiagoa.htm
Gizartea
Bigarren olatua: astez aste, handiagoa
Bigarren olatua: astez aste, handiagoa.
Normaltasun berria ekainaren 19an hasi zen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eta 21ean Nafarroan. Ordurako, izurriaren zabalkundea mugatzea lortu zen, aldagai nagusiek erakusten zuten moduan, eta egoerari eusteko neurrietan jarri zen konfiantza. Aste horretan, ekainaren 15etik 21era, 130 kasu atzeman zituzten Hego Euskal Herrian. Hurrengo bi asteetan kopuru hori pixka bat murriztu egin zen: 111 kasu ekainaren 22tik 28ra, eta 90 ekainaren 29tik uztailaren 5era. Baina hortik aurrera, egoera okertu, eta astez aste kasu kopuruak gora egin du, etengabe, joan den astean, 5.621 kasu atzematera iritsi arte. Zer gertatu da azken bi hilabeteotan? Nola pasatu gara agerraldietatik olatura? Lurralde guztietan bilakaera antzekoa izan da edo ezberdina? Nolakoa da bigarren olatu honen neurria edo larritasuna? Egungo egoera aztertzeko eta aipatutako galderak erantzuten saiatzeko, adierazle ezberdinen datuak bildu eta aztertu dira, argazki orokor baten bila: PCR bidez diagnostikatutako kasuak, ospitaleratze berriak, ZIUetan ospitaleratuak eta hildakoak. Lehenik, begirada udan gertatutakoaz zentratuko dugu, eta, ondoren ikuspegi orokorrago bat lortzen saiatuko gara. PCR positiboen datuak egunez egun begiratuz gero gorabeherak ikusiko ditugu, baina, uztailaren erdialdetik aurrera, goranzko joera nabarmena ere. Halaber, eguneko positibo kopuruaren marraren punturik gorenak (markak) gero eta gertuago ikusten dira, erraztasun handiagorekin hausten baitira. Hortaz, denbora gutxian, sei asteren buruan, egun bakar batean 256 positibotik 1.000ko langa gainditzera pasatu da. Astez asteko datuek argiago islatzen dute goranzko joera. Hego Euskal Herriko udako datuetan, uztailaren hasieratik aurrera, argi ikusten da astez aste PCR positiboak etengabe hazi egin direla, erritmo ezberdinean bada ere. Hasieran, hazkunde handiekin, bi aste jarraian %200 inguruko hazkundearekin. Hurrengo astean, uztailaren 20tik 26ra, 1.471 kasu izan ziren (%63,8ko hazkundea), eta hurrengoan 1.656 kasu (%12,5eko igoera). Hazkundea geldiarazteko saioek ez zuten espero zen emaitzarik eman, eta hurrengo bi asteetan berriro kasuek gora egin zuten indartsu: abuztuaren 3tik 9ra 2.885 kasu (%74,2ko hazkundea) eta abuztuaren 10etik 16ra 3.892 kasu (%34,9ko igoera). Hurrengo astean, hazkundea berriro apaldu zen (%13,6), baina abuztuaren azkeneko astean berriro handitu da (%27,1 ), 5.621 kasura iritsi arte. Astez asteko PCR positiboak lurraldeka aztertuz gero, egoera eta bilakaera ezberdinak ageri dira. Araban, uztailaren 6ko astetik aurrera astez aste kasuen kopuruak hazkundea izan du abuztuaren azken astera arte. Uztailaren lehen hiru asteetan %50 inguruko hazkundea, eta azkenekoan, %176koa. Abuztuko lehen bi asteetan hazkunde garrantzitsuak izan dira Araban (%75 eta %90ekoak). Hirugarren astean, berriz, apalagoa (%13), eta azkenekoan, aurrekoan baino kasu gutxiago (-%5,6). Bizkaian pilatzen ditra kasurik gehienak, eta, horregatik, hango datuek markatzen dute Hego Euskal Herriko joera orokorra. Bizkaian, uztailaren hasieratik, astez aste kasuen kopuruak gora egin du, etengabe. Hazkunde tasarik handienak hasierako asteetan izan ziren. Abuztuaren azken bi asteetan, berriz, hazkundea mantsotu da (%11,2 eta %10,1). Gipuzkoak uztailaren hasieran izan zituen hazkunde handiak aste batetik bestera, Ordiziako, Zarauzko eta Eibarko agerraldiekin. Uztailaren 6tik 12rako astean, %344ko hazkundea, aurreko astearekin alderatuta, eta hurrengo astean, %200ekoa. Baina hurrengo astean, positiboen kopuruak behera egin zuen (-%30). Gutxi iraun zuen beheranzko joerak. Hurrengo astean, uztailaren 27tik abuztuaren 2rakoan, kasu kopuruak berriro egin zuen gora (%7,6), hurrengo hiru asteetan gehiago (%40 inguru), eta abuztuaren azkenekoan, are gehiago (%80,7). Nafarroan ere gorabeheratsua izan da bilakaera. Hasieran, igoera handiak, uztaileko agerraldiekin (Malerreka, Sanferminak, Tuterako ezkontza), eta, gero, erritmo motelagoan, eta jaitsiera txiki batekin abuztuaren azken-aurreko astean. Baina abuztuaren azken astean, hazkundea bizkortu egin da (%58,1). Ipar Euskal Herriari dagokionez, datuen gabezia da nagusi. Hala ere, abuztuan birusaren zabalkundea hazi egin dela pentsatzeko zantzuak daude. Akitania Berriko Osasun Agentziak test positiboen berri ematen ditu, baina departamendu mailan bakarrik. Pirinio Atlantikoen departamenduan, abuztuan, 463 test positibo inguru zenbatu dituzte, eta kopuruak goraka joan dira, astez aste. Horrez gain, zenbait agerraldiren berri eman du: Ziburun bat (14 lagun), Baigorrin bi (9 eta 10 lagunekin), Donibane Lohizunen hiru (4, 3, eta 4 lagunekin). Horrez gain, Lapurdiko kostaldean egindako borondatezko behaketan 1.200 proba inguru egin zituzten eta %3,9k positibo eman zuen. Kasuak ugaltzearen atzetik, ospitaleratzeen hazkundea etorri da. PCR probetan positibo emandakoen igoeraren hasiera uztailaren 6tik 12ra arteko astean nabaritzen hasi bazen ere, ospitaleratzeena hurrengo astean gertatu zen: 10 ospitaleratzetik 27ra pasatu zen (%170eko hazkundea). Hortik aurrera, astez aste ospitaleratze gehiago zenbatu dira. Igoerarik handiena abuztuko bigarren astean izan da, %106,1eko hazkundearekin. Grafikoak beste ikuspegi bat erakusten du: Nafarroan, ospitaleratze berrien hazkundea beste lurraldeetan baino astebete geroago hasten da, eta, oro har, apalagoa da. Eragin handiagoa sumatu da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleratzeetan, Nafarroakoetan baino. Asteko ospitaleratze berrien kopurua Osasunbideko ospitaleetan sei aldiz handiagoa da abuztuko azken astean, uztailaren 13tik 19ra bitarteko astean baino, eta hamar aldiz handiagoa Osakidetzako ospitaleetan. Aldi berean, ospitaleratze berrien igoerarekin batera, ospitaleetako betetze maila ere igo da, bai solairuetan bai zaintza intentsiboetako unitateetan ere. Ospitaleratuta dauden pertsonen datuekin arazoak daude serie homogeneoak osatzeko. Batetik, udan datuen argitalpena murriztu delako. Bestetik, Osakidetzaren kasuan, egun bakoitzean solairuan ospitaleratuta dauden gaixo kopurua txosten epidemiologikoan sartzen hasten denean (abuztuaren 4an), zenbatzeko irizpidea zorroztu duelako, COVID-19arengatik ospitaleratuak bakarrik sartuz. Edozein modutan, igoera nabarmena da. Abuztuaren 4an, 90 pertsona zeuden ospitaleratuta solairuan Hego Euskal Herriko ospitaleetan. Eta abuztuaren 31n, 324 pertsona. Kopurua, beraz, hirukoiztu egin da hilabete eskasean. Epe berean, zaintza intentsiboetako unitateetan dauden pertsonen kopurua ere nabarmen hazi da. Abuztuaren 4an, zazpi pertsona zeuden ZIUetan, eta abuztuaren 31n, berriz, 43. Sei aldiz gehiago. Heriotzak denboran geroago azaltzen ohi dira bilakaera erakusten duten grafikoetan. Bizpahiru aste geroago. Ekainean iritsi ziren hildakorik gabeko egunak, baina martxoaren hasieratik ez da izan asterik hildakorik gabe. Apirilaren hasieratik, astez aste hildakoen kopurua gutxituz joan da ia etengabe, uztailaren 20-26ko asteraino, non bi hildako baino ez ziren izan. Baina kutsatzeen eta ospitaleratzeen hazkundearen ondoren hildakoen hazkundea iritsi da, batez ere abuztuan. Ekainean 83 hildako izan ziren, pixkanaka gero eta gutxiago, kutsatze berrien kopurua jaitsi ondoren. Uztailean 14 hildako bakarrik izan dira. Baina abuztuan heriotzak ugaritu dira. Guztira 89 hildako izan dira, ia erdia azken astean. Bigarren olatuari neurria hartzeko eta lehenengoarekin alderatzeko, adierazle egokiak bilatu behar dira. PCR positiboen kopurua ez da oso adierazle egokia. Udako datuak ezin dira alderatu martxoko eta apirileko datuekin. Orduan askoz proba gutxiago egiten ziren, eta gehienbat diagnostikoa baieztatzeko erabiltzen ziren. PCR proben bidez, COVID-19 kasuak atzemateko gaitasuna askoz handiagoa da abuztuan, martxoan edo apirilean baino. Beraz, abuztuan egun bakar batean milatik gora kasu atzemateak ez du esan nahi orain martxoan edo apirilean baino kutsatu gehiago dagoenik. Ospitaleratze berrien kopurua eta hildakoen kopurua adierazle hobeak dira lehen olatua eta bigarrena alderatzeko. Ondoko grafikoan ikusten denez, bigarren olatuko ospitaleratze berriak askoz gutxiago izan dira lehendabizikoenak baino. Lehen olatuan, martxoan 5.437 ospitaleratze izan ziren, apirilean 3.897 eta maiatzean 596. Guztira, 9.930 ospitaleratze. Bigarren olatuan, berriz, ekainean 77 pertsona ospitaleratu zituzten, uztailean 133, eta abuztuan 904. Guztira, 1.114. Hau da, lehen olatuan ospitaleratzeak bederatzi aldiz gehiago izan ziren (zehazki, 8,91). Olatuak alderatzeko beste datu interesgarria ospitaleetako betetze maila da. Lehen olatuan, ospitaleratuen gehieneko kopurua martxoaren 31an erregistratu zen, 2.818 ospitaleratuekin. Bigarren olatuan, ospitaleratuen kopururik handiena abuztuaren 31n izan da, 367 gaixorekin. Beraz, lehen olatuko gehieneko betetze maila 7,6 aldiz handiagoa izan zen oraingoa baino. Halaber, zaintza intentsiboetako unitateen gehieneko betetze maila ere askoz handiagoa izan zen lehen olatuan, bigarrenean baino. Apirilaren 2an, 327 pertsona egon ziren ospitaleratuta ZIUetan. Bigarren olatuan, gehieneko kopurua 46 izan da, abuztuaren 30ean. Beraz, lehen olatuko gehieneko kopurua 7,1 aldiz handiagoa izan zen bigarrenekoa baino. Azkenik, hildakoen kopurua ere alderatu daiteke. Martxoan, apirilean eta maiatzean, 2.066 hildako izan dira Euskal Herrian koronabirusarekin lotuta. Ekainean, uztailean eta abuztuan 186 izan dira. Beraz, izurriaren lehen hiru hilabeteetan hildakoen kopurua 12 aldiz handiagoa izan da hurrengo hiru hilabeteetan baino. Argi dago, beraz, bigarren olatua lehena baino askoz txikiagoa dela eta bere hazkunde erritmoa askoz mantsoagoa dela. Baina zein da alderaketaren arazoa? Lehen olatua benetako osasun hondamendia izan dela, eta geldiarazteko oso konfinamendu gogorra behar izan duena, ondorio sozioekonomiko larriekin. Bigarren olatua hondamendi batekin alderatzeak berez duen garrantzia gutxiestera eraman dezake. Eta hilabete batean, adibidez abuztuan, 89 hildako egotea ezin da inolaz ere gutxietsi. Hala edo nola eragotzi behar den tragedia baita. Zer da kezkagarria bigarren olatuan? Hazkunde etengabea parametro guztietan. Hau da, kasuen zabalkundea, ospitaleratuen hazkundea eta hildakoen hazkundea geldiarazteko eta gutxitzeko ezintasuna. Beste era batera esanda, pandemia kontrolatzeko neurrien eraginkortasun mugatua.
2020-9-3
https://www.berria.eus/albisteak/186347/nafarroako-hezkuntza-eragileek-laquoitzulera-adostu-eta-seguru-batraquo-eskatu-dute.htm
Gizartea
Nafarroako hezkuntza eragileek «itzulera adostu eta seguru bat» eskatu dute
Nafarroako hezkuntza eragileek «itzulera adostu eta seguru bat» eskatu dute.
LAB, Steilas, Afapna, ANPE, CCOO, ELA, UGT, SEPNA eta CSIF sindikatuetako kideek, hezkuntza komunitateko beste hainbat eragilerekin batera, salatu dute «ziurgabetasun» egoera batean daudela, eta hastear den ikasturterako babes neurriak eskatu dizkiote Nafarroako Gobernuari. Atzo arratsaldean, elkarretaratze bat egin dute Iruñean, Nafarroako Jauregiaren aurrean. «Ikasturte osorako itzulera itundu, seguru eta presentziala» eskatu dute han. Hamazazpi hezkuntza eragilek sinatu duten dokumentu batean, eskaera zuzenak egin dizkiote administrazioari. «Alderdi pedagogikoak, funtzionalak eta emozionalak kontuan hartuko dituen plan bat» nahi dute, eta, horretarako, negoziazio bat abiatzeko eskatu dute. Langile gehiago kontratatzea nahi dute, ez soilik irakasleak, baita garraioan, garbiketan, jantokietan eta antzeko zerbitzuetan jarduten dutenak ere. Ratioa jaistea da haien helburuetako bat, baita hezkuntza zentro bakoitzean lan osasunaren arduradun bat egotea ere. Informazioa nahi dute, eta aurreikuspenekin jokatzeko eskatu diote Hezkuntza Departamenduari. Protokoloak egitea aztertuz zer neurri hartu behar diren berrogeialdi egoeretan, eta zer-nola moldatu behar dituzten ikastetxeetako espazioak. Gainera, irakasle ez diren langile guztiei eta ikasle kalteberenei arreta berezia emateko eskatu dute. «Osasuna bermatzeko» neurriak nahi dituzte.
2020-9-3
https://www.berria.eus/albisteak/186379/itsasontzi-bat-hondaratu-da-japonian-43-pertsona-eta-5800-abelburu-zeramatzala.htm
Mundua
Itsasontzi bat hondaratu da Japonian, 43 pertsona eta 5.800 abelburu zeramatzala
Maysak tifoiak eragindako ekaitz batek harrapatu du, eta oraingoz eskifaiako kide bakarra aurkitu dute itsasoan noraezean.
Itsasontzi bat hondaratu da Japonian, 43 pertsona eta 5.800 abelburu zeramatzala. Maysak tifoiak eragindako ekaitz batek harrapatu du, eta oraingoz eskifaiako kide bakarra aurkitu dute itsasoan noraezean.
Hondoratu aurretik, Gulf Livestock 1 itsasontziak larrialdi dei bat egin du, Japoniako kostazainek jakinarazi dutenez. Zeelanda Berrian itsasoratu zen, abuztuaren 14an, eskifaiako 43 kiderekin eta 5.800 abelbururekin. Panamako bandera du, eta Txinarantz zihoan. Bidean, baina, Maysak tifoiak eragindako ekaitz batek harrapatu du, eta, larrialdi deiaren ostean, desagertu egin da. Eskifaia 39 filipinarrek, bi australiarrek eta bi zeelandaberritarrek osatzen zuten. Horietatik bakarra aurkitu dute oraingoz, itsasoan noraezean. Zehazki 5.867 abelburu zeramatzan itsasontziak, eta Zeelanda Berritik Txina hego-ekialdeko Jingtang hirira eraman behar zituen. Bihar zen portura iristekoa.
2020-9-3
https://www.berria.eus/albisteak/186380/berriak-horrela-kontatu-du-inbestidura-saioa.htm
Politika
BERRIAk horrela kontatu du inbestidura saioa
Eusko Legebiltzarrak Iñigo Urkullu aukeratu du gaur hirugarren aldiz Jaurlaritzako lehendakari izateko, EAJ eta PSE-EEren botoekin. Maddalen Iriartek pentsioen euskal sistema publikoa bultzatzeko asmoa adierazi du. Urkulluk esan du osasungintza ez kolapsatzea eta koma ekonomikoa etetea duela lehentasun. Zuzenean ikusi.
BERRIAk horrela kontatu du inbestidura saioa. Eusko Legebiltzarrak Iñigo Urkullu aukeratu du gaur hirugarren aldiz Jaurlaritzako lehendakari izateko, EAJ eta PSE-EEren botoekin. Maddalen Iriartek pentsioen euskal sistema publikoa bultzatzeko asmoa adierazi du. Urkulluk esan du osasungintza ez kolapsatzea eta koma ekonomikoa etetea duela lehentasun. Zuzenean ikusi.
* Urkulluk eta Iriartek euren proiektuak alderatuko dituzte. * Lehendakari kargua hartu eta gero jakinaraziko du Urkulluk Jaurlaritzaren osaera. * Analisia. Garikoitz Goikoetxea: 'Diskriminazioa eta sailburu elebidunak'. * Uztailaren 12ko hauteskundeetako emaitzak.
2020-9-3
https://www.berria.eus/albisteak/186381/eaeko-hezkuntzan-grebara-joko-dute-irailaren-15ean.htm
Gizartea
EAEko hezkuntzan grebara joko dute irailaren 15ean
ELA, LAB, CCOO, UGT eta Steilas sindikatuek egin dute deialdia elkarrekin, eta hezkuntza osoari eragingo dio: sare publikoari eta itunpekoari. Salatu dute eskasak direla Eusko Jaurlaritzak hartutako neurriak, eta ez dituela langileak aintzat hartu.
EAEko hezkuntzan grebara joko dute irailaren 15ean. ELA, LAB, CCOO, UGT eta Steilas sindikatuek egin dute deialdia elkarrekin, eta hezkuntza osoari eragingo dio: sare publikoari eta itunpekoari. Salatu dute eskasak direla Eusko Jaurlaritzak hartutako neurriak, eta ez dituela langileak aintzat hartu.
Ikasturtea hasi eta astebetera, irailaren 15ean, grebara joko dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetan. Gaur goizean iragarri dutenez, elkarrekin grebara deitzekoak dira ordezkaritza duten bost sindikatuak: ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT. Gure ikastetxeetan aurrez aurreko itzulera segurua eta adostua lelopean, unibertsitateaz kanpoko hezkuntzan eragingo du deialdiak, sare publikoan zein itunpekoan. Sindikatuak oso haserre mintzatu dira Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eskoletara itzultzeari begira egin duen lanaz: Cristina Uriarteren taldeari leporatu diote kudeaketa «onartezina eta arduragabea» egitea, «berandu» aritzea, eragileekin ez adostea eta baliabideak ez zehaztea. Azken asteetan Jaurlaritzaren neurriekin sindikatuek agertutako ezinegona berretsi du greba deialdiak. Batetik, salatu dute langileak eta hezkuntza eragileak kontuan hartu gabe aritu dela ikasturte hasiera prestatzen; besteak beste, ohartarazi dute Hezkuntza Sailak ez duela bilerarik egin sindikatuekin, nahiz eta beharginak maiatzean hasi ziren proposamenak egiten irailera begira. Bestetik, hartutako neurriak ere ahultzat eta nahasitzat jo dituzte. Adibide gisa jarri dute eskoletan hiru egoera orokor aurreikusi direla eta Hezkuntza Sailak ez duela zehaztu horietako zein dagoen indarrean uneotan. Nabarmendu dute, gainera, protokoloak «oso berandu» heldu direla, «azkena, langileak ikastetxeetara bueltatu baino hiru egin lehenago», eta «ardura zuzendaritzen gain» utzi duela gobernuak. Era berean, mila irakasle gehiago kontratatzearen inguruan Jaurlaritzak joan den astean eginiko iragarpena «propaganda ariketa huts bat» dela uste dute sindikatuek: «Oso kopuru eskasa izateaz gain, albistea abuztuaren 28an eman zuten, kontratazioak jada itxita zeudenean, ratio jaitsierarik aurreikusi gabe, eta zein irizpideri erantzuten dioten argitu gabe». Gaineratu dute kontratazioak beste langile kolektiboetan ere areagotu behar liratekeela, ez soilik irakasleetan. Edonola ere, sindikatuek adierazi dute irakaskuntza presentziala berreskuratzearen aldekoak direla, baina egungo osasun egoerara moldatuta eta segurtasuna bermatuta. Ildo horretan, hainbat eskaera egin dituzte, hala nola lan taldeak handitzea, ordezkapenak lehen egunetik betetzea, ikasleen ratioak jaistea (gehienez 10-15 ikasle gela bakoitzean), jantoki zerbitzua bermatzea (distantzia betetze aldera berrantolatuz), curriculuma osasun krisiak eragindako errealitateetara egokitzea (adibidez, dolua lantzeko edota irakaskuntza telematikoa jorratzeko), osasun arazoak dituzten langileak babestea eta arrakala sozialak desegiteko neurriak hartzea (tartean, euskarari lotutakoak). Irailaren 15eko greba egunaz gain, beste bi mobilizazio ere iragarri dituzte: bihar bertan, kontzentrazioak egingo dituzte eskoletan, eta hilaren 10ean, 18:00etan, elkarretaratzeak egingo dituzte Hezkuntza ordezkaritzen aurrean. Sindikatuek ez dute baztertu greba deialdi gehiago egitea, eta ohartarazi dute Hezkuntza Sailaren bilera eskaera bat ez dela nahikoa izango lanuztea bertan behera uzteko: «Biltzea ez da nahikoa. Proposamenak eta planifikazioa nahi ditugu». Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeak datorren astelehenean dira ikasturteari ekitekoak; irakasleak jadanik lanean ari dira, hala ere. Hezkuntza Sailak, nolanahi ere, atzeratu egin du maila batzuetako ikasleen hasiera: DBHko hirugarren eta laugarren mailako ikasleak irailaren 15ean hasiko lirateke, baita Batxilergokoak ere —hain justu, egun horretarako antolatu dute greba—; Lanbide Heziketako ikasleen itzulera mailakatuagoa izango da, iraileko bigarren hamabostaldian. Ikastolen oharra Patronalei ere mintzatu zaizkie sindikatuak, eskatzeko langileen ordezkariekin «interlokuzioa» abiatzeko, eta ikastolek erantzun dute solaskidetza hori «zabalik» dutela. Ikastolen Elkarteak ohar bidez adierazi du elkarlanerako prest dagoela: «Kontingentzia planak eta ikastoletarako itzulera segururako neurri gehigarri guztiak adosten ari gara langileen ordezkariekin ikastolaz ikastola».
2020-9-3
https://www.berria.eus/albisteak/186382/iriartek-pentsioen-euskal-sistema-publikoa-bultzatzeko-asmoa-adierazi-du.htm
Politika
Iriartek pentsioen euskal sistema publikoa bultzatzeko asmoa adierazi du
«Pertsonak erdigunean jarriko dituen trantsizio feminista eta ekologista» aldarrikatu du EH Bilduren Eusko Jaurlaritzarako lehendakarigaiak. Herritarrei hitza emateko eskatu du.
Iriartek pentsioen euskal sistema publikoa bultzatzeko asmoa adierazi du. «Pertsonak erdigunean jarriko dituen trantsizio feminista eta ekologista» aldarrikatu du EH Bilduren Eusko Jaurlaritzarako lehendakarigaiak. Herritarrei hitza emateko eskatu du.
Eusko Jaurlaritzako lehendakaria izendatzeko inbestidura saioa egin dute gaur goizean Eusko Legebiltzarrean. Han, Maddalen Iriarte EH Bildu koalizioaren lehendakarigaia izan da hitz egiten lehena. EH Bilduk 21 eserleku eskuratu zituen iragan uztailaren 12ko hauteskundeetan, 2016an baino hiru gehiago. Arnaldo Otegi taldeko koordinatzaile nagusiak adierazi zuen «erantzukizun politikoagatik» aurkeztu dutela hautagaia; gainontzeko alderdiek adierazi izan dute ez dutela hura babestuko. Goizeko hitzaldian, koronabirusak eragindako krisiari aurre egiteko proposamenak aurkeztu ditu Iriartek; besteak beste, hezkuntzan ratioak jaistea eta curriculumak moldatzea, osasungintzari diru gehiago ematea eta zerbitzu sozialak indartzea. Esan du EH Bildu prest dagoela «trantsizio feminista, ekologikoa eta pertsonak botere publikoen ekintzaren erdigunean jarriko dituena» abiatzeko. «Ekintzarako garaia da, politika egiteko modu berri batena», haren hitzetan. Egungo krisiaz harago, hezkuntza eta osasungintza eraldatzeko asmoa adierazi du Iriartek: «Hezkuntzak izan behar du genero eta klase arrakalak gaindituko dituena». Hezkuntza euskaldun, eleaniztun eta inklusibo baten alde egingo dutela esan du, eta, osasungintzan, helburutzat jo du Europako gainontzeko herrialdeek duten gastu bera edo antzekoa izatea. Horretarako, 300 langile kontratatzea proposatu du, eta behin-behinekotasuna bukatzea, «Osakidetzako langileen %40 inguru» baitaude egoera horretan. Zaintzak eta zerbitzu sozialak antolatzeko, «Euskal zerbitzu sozialen elkartea» sortzeko beharra nabarmendu du EH Bilduren lehendakarigaiak, aldundiek eta udalek parte hartuko duten erakunde bat. «Kalitatezko enpleguaren aldeko herri ituna» ere bultzatu nahi du, eta 1.200 euroko gutxieneko soldata eta 35 orduko lan astea proposatu ditu. Gainera, kritikatu du jarduneko gobernuak ez duela harremanik izan sindikatu nagusiekin. Adierazi du prest duela euskal pentsio publikoen sistema sortzeko zirriborroa. Lau proposamen ekonomiko egin ditu EH Bilduk: gastua berrikustea, soldata altuegiak jaitsi, diruaren banaketa justuago baterako; beharrizanen arabera, Europari funtsak eskatzea eta funts horiek kudeatzeko herri akordio bat sortzea; eta zergak berrikustea. Diru gehien irabazten dutenei «COVID tasa» ezartzea ere proposatu du, baita merkataritza gune handien gaineko zerga ere. Zaldibarko zabortegiko hondamendiaz ere jardun da EH Bilduren lehendakarigaia. «Joaquin Beltranen gorpua aurkitzeko atsedenik gabe lanean jarraitu beharko da, eta erantzukizun politikoak argitu eta garbitu». Zabortegiak publiko egiteko prozesu bat abian jartzea proposatu du. Hain zuzen, Zaldibar Argitu plataformako kideek protesta egin dute parlamentuaren kanpoaldean. Autogobernu «kaskarra» Iriarteren arabera, krisiak erakutsi du Eusko Jaurlaritzaren autogobernua «kaskarra» dela. «Espainiak nahi duen arte eta nahi duen moduan kudeatzen dira Eusko Jaurlaritzaren eskumenak», esan du, eta burujabetzaren alde geroz eta jende gehiago dagoela adierazi du. Nabarmendu du burujabetza eta independentzia direla EH Bilduren apustua, eta etorkizuna demokratikoki aukeratzeko eskubidea aldarrikatu du. Adierazi du horren alde daudela legebiltzarkideen %70, eta galdeketa sustatu behar dutela. Euskal presoak Euskal Herriratzeko eskatu du: «Gero eta ahots gehiago gero eta irmoago eskatzen ari dira euskal presoak berehala Euskal Herrira ekartzea, are gehiago COVID-19aren testuinguruan», azaldu du. Administrazio euskalduna aldarrikatu du Iriartek, eta gogoan izan du 390 kazetarik baino gehiagok Eusko Jaurlaritzari eskatu diotela sailburu eta arduradun euskaldunak izendatzeko. Kulturgintzarako larrialdi plan bat martxan jartzeko beharra dagoela san du; kulturgileak herriaren oinarria direla adierazi du, eta administrazioaren laguntza jaso behar dutela. Gainera, «atzerakada» nabari du euskal kulturaren transmisioan. «Anbizio eta determinazio falta» izan dute, haren ustean. Joan Mari Torrealdai oroitu du hitzaldiaren azken zatian. Lorea Agirre Jakineko zuzendariak Torrealdai hil ostean idatzitako hitzak irakurri ditu Eusko Legebiltzarrean: «Torrealdai kontzientzia bat da. Kontzientzia bat kate bati eusteko, lotzeko bezainbeste hausturak eragiteko. Berritzeko, berrasmatzeko».
2020-9-3
https://www.berria.eus/albisteak/186383/beltran-de-herediak-gobernua-utziko-du.htm
Politika
Beltran de Herediak gobernua utziko du
Aurreko bi agintaldietan Segurtasun sailburu izandakoa Espainiako Senaturako proposatuko du EAJk. PSE-EEk Tontxu Rodriguez aukeratu du.
Beltran de Herediak gobernua utziko du. Aurreko bi agintaldietan Segurtasun sailburu izandakoa Espainiako Senaturako proposatuko du EAJk. PSE-EEk Tontxu Rodriguez aukeratu du.
Inbestidura saioan Iñigo Urkulluk bere hitzaldia amaitu eta berehala, EAJk ohar bat bidali du adieraziz Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburu izandakoa proposatuko duela Eusko Legebiltzarrean Espainiako senatari izateko. Gaur bertan erregistratu du bere proposamena parlamentuan. Ia aldi berean, PSE-EEk jakinarazi du Tontxu Rodriguez proposatuko duela. Okerrik ezean, bi horiek Idurre Bideguren EH Bilduko kideari gehituko zaizkie Eusko Legebiltzarrak aukeratu behar duen senatari hirukotean. Irailaren 24ean egingo da bozketa Legebiltzarrean. Beltran de Herediak, beraz, ez du jarraituko Eusko Jaurlaritzan. Segurtasun Sailaren ardura izan du azken bi legegintzalditan, 2012tik. 1995etik 2007ra ere izan zen parlamentaria Eusko Legebiltzarrean. Orain, Madrilen Jokin Bildarratzek zuen tokia hartuko du. EAJk azaldu du EBBk hartutako erabakia izan dela, eta, halaber, eskerrak eman dizkio Bildarratzi azken zortzi urteetan Madrilen egindako lanagatik. Eusko Legebiltzarrak hiru senatari izendatu behar baditu ere, atzo EH Bilduk egin bezala, bakarra proposatu du EAJk ere. «Goi Ganberan dauden beste bi euskal ordezkariak Gasteizko Ganberan ordezkaritza handiena duten hurrengo bi alderdietakoak izatea erraztu du» horrek, jeltzaleek ohar batean adierazi dutenez. Gainera, gobernu akordioan jaso duten bezala, sozialistei euren hautagaia lehen bozketan onartu dadin, behar dituzten botoak utziko dizkiete jeltzaleek. «2012an eta 2016an gertatu zen bezala, beste bi senatarien izendapena Alderdi Sozialistaren eta EH Bilduren erabakia izango da, uztailaren 12ko hauteskundeetan EAJ-PNVren atzetik boto gehien jaso zuten bi alderdiena, eta horrek bermatzen du euskal gizarteak ordezkaritza zabala izango duela Senatuan», gaineratu du EAJk oharrean. PSEk Tontxu Rodriguezen proposamena ezagutarazteko zabaldu duen oharrean esan duenez, haren esperientzia eta konpromisoa berme bat dira alderdiarentzat. 2013tik da senatari Eusko Legebiltzarrak izendatuta. Gobernu berria, larunbatean Urkulluk lehendakari kargua hartu eta gero jakinaraziko du Jaurlaritzaren osaera. Euskadi Irratiak jakinarazi duenez, 11 sailez osatuta egongo da Jaurlaritza, eta ziurtzat jotzen dute bi lehendakariorde egongo direla, alderdi bakoitzeko bat. Larunbatean egingo du karguaren zina, Gernikako juntetxean. Murgak azaldu du Urkulluri esan diola «bere esanetara» dagoela.
2020-9-3
https://www.berria.eus/albisteak/186384/urkulluk-ekonomiaren-suspertzea-du-helburu-datorren-legealdirako.htm
Politika
Urkulluk ekonomiaren suspertzea du helburu datorren legealdirako
EAJren eta PSE-EEren gobernu akordioa «sendoa» dela adierazi du. Enplegua sortzea eta osasun sistema indartzea izango dira Eusko Jaurlaritzaren helburu nagusiak. Urkulluk «autogobernu gehiago eta hobea» nahi du.
Urkulluk ekonomiaren suspertzea du helburu datorren legealdirako. EAJren eta PSE-EEren gobernu akordioa «sendoa» dela adierazi du. Enplegua sortzea eta osasun sistema indartzea izango dira Eusko Jaurlaritzaren helburu nagusiak. Urkulluk «autogobernu gehiago eta hobea» nahi du.
Euskadi martxan! izeneko akordio bat izenpetu dute aste honetan Andoni Ortuzar EAJko EBBko presidenteak, Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakari eta EAJren lehendakarigaiak. Bi alderdiek 41 eserleku lortu zituzten uztailaren 12ko hauteskundeetan. Gaur, ordea, Urkulluk boto bat gutxiago jasoko du, legebiltzarkide batek ezin duelako joan inbestidura saiora. Inbestidura saioko hitzaldian, hitzarmen horretan jasotako lau ardatz nagusiak azaldu ditu Urkulluk: oparotasuna, enplegua eta suspertze ekonomikoa; pertsonak, osasuna eta zerbitzu publikoak; planeta, klima trantsizioa; eta bizikidetza eta autogobernua. Adierazi du itun hori «herriaren garapenaren oinarria» dela, eta kolaboratzeko proposamena egin die alderdi eta eragileei. Pandemiak eragindako krisiari hiru aldetatik erantzungo diotela adierazi du: osasungintzatik, enplegutik eta gizarte kohesiotik. Esan du datorren legealdia «COVID-19aren legealdia» izango dela, eta bi betebehar nabarmendu ditu: osasun sistema ez kolapsatzea eta «ekonomiaren koma» etetea. Urkulluk adierazi du «lankidetza publiko-pribatua» dela aurrera egiteko modurik onena, eta, EAJ eta PSE-EE alderdiak ezberdinak diren arren, akordio sendoa osatu dutela, «oso aurreratua». Konpromiso nagusi hauek azaldu ditu: gazteen enplegurako plana egitea, 4.000 enpresa txiki sortzea, tokian tokiko planak egitea, eta behin-behineko kontratuak erregularizatzea, urtean 7.000 batez beste. Birusak berebiziko eragina izan du ikasturtearen hasieran, eta jarduneko lehendakariak hiru puntutan azaldu du hari aurre egiteko protokoloa: arriskuak aurreikusi, hezkuntza komunitatearekin koordinatu eta egoerara moldatu. Haren ustean, aurrez aurreko eskolak lehentasunezkoak dira. Gainera, Hezkuntza Sailak mila langile kontratatuko ditu, eta, protokoloak betetzeko leku gehiago behar duten ikastetxeei laguntzeko, elkarlana bultzatuko dute Eudelekin eta udalekin. Euskal hezkuntza legea onartzeko asmoa du, sistema berritzeko, eta hizkuntza aniztasuna eta aukeren berdintasuna bultzatzeko. Klimaren aldeko akordio bat ere sustatu nahi du, energia berriztagarrietan, garraio jasangarrian, ekonomia zirkularrean eta biodibertsitatearen defentsan oinarrituta. Memoria historiko eta demokratikoaren legea ere onartuko duela esan du. Gernikako Estatutua bete eta eskumenak eskualdatuko dituzte datorren legealdian; hura izango da, Urkulluren esanetan, ongizatea eta justizia soziala lortzeko oinarria. Esan du «autogobernu gehiago eta hobea» nahi duela. Euskal Herria «askotariko herria» da haren hitzetan, eta, beraz, autogobernua «paktuak egitea» da. «Erantzunkidetasunaz» aritu da Urkullu, «lankidetza gobernuaz».
2020-9-3
https://www.berria.eus/albisteak/186385/inbestidura-saioaren-erdian-ezagutarazi-dute-eajk-eta-psek-gobernu-akordioa.htm
Politika
Inbestidura saioaren erdian ezagutarazi dute EAJk eta PSEk gobernu akordioa
Urkullu lehendakarigaiaren esanetan, pandemiaren ondorioak leuntzea izango da legealdiaren erronka. Neurri zehatzak aurkeztu ditu osasungintzan, enpresa arloan eta gizarte politiketan. Berdintasun Lege berria hitz eman du, eta espetxe eskumena eskuratzeko bidea egitea.
Inbestidura saioaren erdian ezagutarazi dute EAJk eta PSEk gobernu akordioa. Urkullu lehendakarigaiaren esanetan, pandemiaren ondorioak leuntzea izango da legealdiaren erronka. Neurri zehatzak aurkeztu ditu osasungintzan, enpresa arloan eta gizarte politiketan. Berdintasun Lege berria hitz eman du, eta espetxe eskumena eskuratzeko bidea egitea.
«Herri auzolanak inoiz baino zentzu handiagoa du». Modu horretan aurkeztu du Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaiak PSE eta EAJren gobernu akordioa (irakurri hemen, osorik). Sozialistek eta jeltzaleek iragarria zuten ekonomia berpizteko eta gizarte politiketan sakontzeko itun bat dela, baina xehetasunak ezagutzea falta zen oraindik. Hain justu, gaur, inbestidura saioan, Urkulluk berak azaldu ditu akordioaren nondik norakoak. Datorrena «koronabirusaren legealdia» izango dela esan du, eta horri aurre egiteko «beharrezko» neurri ekonomikoak eta onartu nahi dituzten planak aurkeztu ditu ia ordu eta erdiko hitzartzean. Ituna «errealismo konstruktiboan» oinarrituta dagoela esan du Urkulluk. Zehazki, sozialistek eta jeltzaleek lau ardatz izan dituzte oinarri akordioa osatzeko unean. Lehena ekonomia suspertzearekin eta enplegua sortzearekin lotuta dago; bigarrena, gizarte politikekin; bidezko energia trantsizioa eta klima larrialdia izan dituzte hizpide hirugarren atalean; eta, amaitzeko, autogobernuaz eta bizikidetzaz ari dira bi aldeak. Hain justu, joan den astean ohartarazi zuten desadostasun nabarmenenak autogobernuaren atalean dituztela. Enplegua eta ekonomia suspertzea Koronabirusak eragindako krisiak luze iraungo duela aurreikusi du Urkulluk mintzaldian, eta sozialisten eta jeltzaleen akordioan jaso dituzte ekonomia suspertzeko zenbait neurri: -Garapen Industrialerako Plan Estrategikoa onestea, eta horrekin industria eta zerbitzu aurreratuak BPGren% 40ra heltzea. -Berrikuntza sustatzea enpresa txiki eta ertainetan. -Legegintzaldi osoan zehar I+G+B bultzatzeko aurrekontuak batez beste % 6 igotzea urtean. -Gazteak lan munduan sartzeko 30.000 postuko programa bat abian jartzea. -Merkataritza eta Ostalaritza plana eguneratzea Gainera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako azpiegiturei ere erreparatu diete akordioan, eta hitzeman dute AHTa datorren legealdian amaituko dela, eta garraio azpiegituren transferentzia eskuratzea espero dute. Etxebizitzen alokairuan laguntzeko proiektuak ere iragarri dituzte. Gizarte politikak Urkulluk osasuna, hezkuntza eta berdintasuna izan ditu ardatz bigarren atalean. Gobernu akordioaren txostenean ere hainbat neurri zehatz iragarri dituzte. Esaterako, 2020-2024 bitarte Osakidetzako langile kopurua handitzea, eta, zehazki 4.000 postuko LEP lan eskaintza publiko bat egitea; hezkuntzan, eleaniztasunean sakontzea, betiere euskara ardatz izanda; unibertsitate plan berri bat osatzea eta 2005eko Berdintasun Legea berritzea. Diru laguntzei dagokienez, DSBEa hobetzea eta unibertsaltasunean sakontzea dute helburu. Migratzaileentzako harrera estrategia ere hobetzea jaso dute itunean. Euskarari eta euskal kulturari dagokionez, berriz, zera dio akordioak: «Lehenik eta behin, gure herrialdean kultura sortzen eta ekoizten duten profesionalak eta artistak babestu beharra dago. Politika publiko kulturalek jarduketa eremu hori lehenetsiko dute, oraingo laguntza lerroak hobetuz eta indartuz, arreta berezia jarriz honetan: sortzaileen lan baldintzak, digitalizazioa, nazioartekotzea, emakume sortzaileen parte hartze aktiboa eta euskarazko sorkuntza eta zabalkunderako berariazko babesa». Profesionalizazioa bermatzeko urratsak egingo direla dio akordioak, eta, erakunde publikoekin harremana hobetzeko asmoz, Kulturaren Euskal Kontseiluaren, Kultura Auzolanean eta Hakoba Kultura indartuko dira. Ingurumena Sozialisten eta jeltzaleen akordioko atalik laburrena da. Klima larrialdiari egiten dio erreferentzia, baita energia iraunkorrago bateranzko trantsizioa egiteari ere. Neurri zehatzen artean, 2015. urtea abiapuntu hartuta, energia berriztagarrien erabilera bikoiztu nahi dute. Era berean, Agenda 2030 egitasmoarekin konpromisoan segitzea da asmoa. Autogobernua eta bizikidetza ETA betiko desegin osteko lehen legealdia izango da datorrena, baina oraindik ere gatazkaren ondorioei eta memoriaren auziari erreparatu beharko zaie datozen urtetan. Sozialistak eta jeltzaleak biktimen aitortzarako egin beharreko urratsetan eta espetxe politikaren aldaketetan jarri dira ados. Hala diote: -«Nagusikeria abusuak eragindako giza eskubideen urraketen biktimei aitorpena eta konponketa egiteko 12/2016 Legea garatu beharko da. €Biktimei dagokienez, erabat argitu ez diren kasuen errealitatea nabarmendu behar da». -«Terrorismoko eta indarkeriako iraganaren memoria kritikoa sustatzea». -«Presoak bere familia ingurunearengandik hurbilago dauden espetxeetara lekuz aldatzea babestea». Gainera, egun Espainiako Gobernuaren esku dagoen espetxe eskumena ere bere egin nahi du Eusko Jaurlaritzak. Autogobernuari dagokionez, Urkulluk berak azpimarra jarri du bere mintzaldian, eta esan du «askotariko herria» dela Euskal Herria, eta hain justu horixe dela autogobernua: «Autogobernua paktuak egitea da». Aurretik ere esana zuten desadostasun nabarmenenak atal horretan dituztela sozialistek eta jeltzaleek, baina akordioan adostu dute «autogobernuan sakontzea».
2020-9-3
https://www.berria.eus/albisteak/186386/gipuzkoako-foru-aldundiak-enplegu-galeraren-inguruko-kezka-agertu-du.htm
Ekonomia
Gipuzkoako Foru Aldundiak enplegu galeraren inguruko «kezka» agertu du
Plan bat iragarri du, baina ez du zehaztasunik eman. «Gogor eusteko» esan die enpresari eta langileei, eta diputazioa «bidelagun» izango dutela.
Gipuzkoako Foru Aldundiak enplegu galeraren inguruko «kezka» agertu du. Plan bat iragarri du, baina ez du zehaztasunik eman. «Gogor eusteko» esan die enpresari eta langileei, eta diputazioa «bidelagun» izango dutela.
«Garai gogorrak datoz». Mezu horrekin abiatu du urte ekonomikoa Gipuzkoako Foru Aldundiak. COVID-19aren krisia lurraldean uzten ari den panoramaren analisi ezkorra egin du, baina enpresa eta langileei esan die haien «bidelagun» izango dela. Prentsaurreko batean, Imanol Lasa Ekonomia Sustapeneko diputatuak ez du neurri berririk aurreratu. Jakinarazi du datozen asteetan 100 eragile ingururekin bilduko dela «ekintza plan bat zehazteko», orain arteko neurriak «iraungita» daudelako edo ez direlako «egokitzen egungo egoerara». Plan hori aldundiaren aurrekontuetan islatuko dela azaldu du. Baina zerga bilketan izandako jaitsierak —%20 ingurukoa— aurrekontuan nola eragingo duen galdetuta, esan du berari ez dagokiola hori zehaztea. Hala ere, aurreratu du ekonomia suspertzeko diru sailak handituko dituela diputazioak. Ekonomiari eta enpleguari eusteko apirilean abiatutako laguntzei buruzko «balantze baikor» bat egin du Lasak. 28 milioiko diru sailaren %95 dagoeneko «aktibatuta» dagoela esan du: 562 enpresek jaso dutela eta 10.000 langile ingururi eragingo dietela. Dena den, gogoratu du urteko lehen sei hilabeteetan eta bereziki martxotik ekainera 8.400 lanpostu galdu direla lurraldean, %9koa dela oraingo langabezia tasa, eta urte amaieran «bi digitutik gorakoa» izatea aurreikusten dutela. Egoera zaila izanda ere, azpimarratu du «notizia ona» dela Gipuzkoan lantegirik itxi ez izana, eta sektore batzuetan —berriztagarriena aipatu du— %100ean ari direla lanean; beste batzuetan —aeronautikan, metalgintzan eta garraioan, esaterako—, aldundiak aurreikusten du errekuperazioa geldoagoa izango dela, eta nazioarteko ekonomiaren eboluzioaren araberakoa izango dela hori. Horren harira, adierazi du itxaropentsuak direla Txinatik eta Alemaniatik datozen berriak. Dena den, horrekin batera beste datu bat eman du: Gipuzkoako enpresen %70i baino gehiagori %20 jaitsi zaiela fakturazioa. Lasak nabarmendu du hurrengo hilabeteetan diputazioaren helburua izango dela lurraldeko ehun ekonomikoa «bizirik» mantentzea. «Gogor eusteko» deia egin die enpresari eta langileei, eta enpleguari eusteko behar diren neurriak adosteko.
2020-9-3
https://www.berria.eus/albisteak/186387/frantziak-zergak-jaitsiko-dizkie-enpresei-eta-trantsizio-energetikoan-inbertituko-du.htm
Ekonomia
Frantziak zergak jaitsiko dizkie enpresei eta trantsizio energetikoan inbertituko du
Parisko gobernuak 100.000 milioi euroren France Relance plana onartu du, ekonomia biziberritzeko. Finantzaketaren %40 EBko funtsetatik aterako du
Frantziak zergak jaitsiko dizkie enpresei eta trantsizio energetikoan inbertituko du. Parisko gobernuak 100.000 milioi euroren France Relance plana onartu du, ekonomia biziberritzeko. Finantzaketaren %40 EBko funtsetatik aterako du
Frantziako Gobernuak 100.000 milioi euro jarri ditu mahai gainean. France Relance planaren bitartez epe laburrean erantzun nahi die koronabirusaren krisiak sortutako kalteei, baina epe erdira egindako plana ere bada, «Frantzia 2030erako prestatzeko», Jean Castex lehen ministroaren hitzetan. Horregatik, diruaren zati handi bat, 30.000 milioi euro, trantsizio energetikoaren aldeko proiektuetarako gordeko du, eta laguntzak emango dizkie enpresei beren produkzioaren zati bat frantziaratzeko. Planaren bitartez 160.000 enplegu sortuko dituela espero du Frantziako Gobernuak, eta hari esker ekonomiak 2022an itzuli ahal izango duela krisi aurretik zuen mailara. ­Diru asko al da? Ez da gutxi. 100.000 milioi euro Frantziako BPGaren %4 inguru dira. Euskal Herrian 4.000 milioi gastatzea adina, esaterako. Castexek nabarmendu du EBko gobernuen artean «planik masiboena» dela, eta 2008ko krisiari aurre egiteko jarritako diruaren halako lau. Nork ordainduko du? Zor publikora joko du Frantziako Gobernuak inbertsio plana ordaintzeko eta zergen jaitsierak kutxetan sortuko duen zuloa estaltzeko. Baina laguntza estimagarri bat izango du: Europako Batasunarena. Inbertsioaren %40 EBren Hurrengo Belaunaldia planetik etorriko dela ziurtatu du Jean Castex lehen ministroak. Bereziki trantsizio energetikorako proiektuak lagunduko ditu EBren diruak, era horretako inbertsioak finantzatzeko sortu zutelako. Planak BPGaren %120etik gora jarriko du Frantziaren zor publikoa hurrengo urteetan, baina kopuru horri garrantzia kendu dio gobernuak; argi utzi nahi du orain lehentasuna gastu publikoa handitzea dela, eta austeritateak are kalte handiagoak eragingo lituzkeela kontu publikoetan eta herritarren bizi baldintzetan. Kalkulatu dutenez, 2025ean hasiko dira orain pilatutako zorra kitatzen. Gainera, Castexek agindu du ez dutela «zergak handitzeko akatsa» egingo. Alemaniak bai egin du —BEZa jaitsi du aldi baterako eta laguntza zuzenak eman dizkie familiei, kontsumoari eusteko—. Baina Frantziako Gobernuak argudiatu du bere herritarrak izan direla EB osoan erosteko ahalmen gutxien galdu dutenak, enplegua babesteko ezohiko neurriei esker. Azalpen horrek ez ditu denak gogobete, eta «ahulenez» ahaztea egotzi diote ezkerreko taldeek eta sindikatuek Parisko gobernuari. «Errazena izango zen eskaerari laguntzea, BEZa jaitsita edo prestazio sozialak handituta. Baina horrela ez da Frantzia prestatzen XXI. mendeko erronketara», erantzun die Bruno Le Maire Finantza ministroak. Nola banatuko dute dirua? 70 neurri ditu planak, eta hiru arlo nagusitan banatuta daude. Batetik, batez ere etorkizunera begira, trantsizio energetikoa errazteko 30.000 milioi inbertituko ditu. Horren barruan, 11.000 milioi euro izango dira garraiobide garbiagoak bultzatzeko, eta horietatik kopururik handiena trenek jasoko dute: 4.700 milioi trenbideak berritzeko, gaueko trenak berreskuratzeko, eta salgaien trafikoa indartzeko. Garraio sailean, dirua izango da bizikletentzako bidegorriak egiteko, ibilgailu elektrikoentzako kargagailuak jartzeko, garraio publikoak elektrifikatzeko, eta auto zaharrak ordezkatzeko planak finantzatzeko ere. Beste 9.000 milioi jarriko dituzte enpresei laguntzeko beren trantsizio energetikoa egiten. Horren barruan 2.000 milioi daude «hidrogeno berdearen sarea» sortzen hasteko, hau da, erregai fosiletatik eratorria ez dena ekoizteko eta haren produkzioa nola merka daitekeen ikertzeko. Eraikin publikoak eta pribatuak energetikoki eraginkorragoak egiteko 7.000 milioi baztertu ditu planak. Dirua izango da laborantza ekologikoa eta ekonomia zirkularra sustatzeko ere. Dirua ez dela nahikoa ohartarazi dute talde ekologistek. «Lehen urrats bat, beharrezkoa». Enpresentzat, zer? Planaren bigarren hanka enpresei begirakoa da, eta 35.000 milioi izango ditu. Haien lehiakortasuna bultzatzeko neurrietako bat izango da ordaintzen dituzten zergak urtean 10.000 milioi jaistea. Produkzioa zamatzen duten zergak aukeratu ditu Parisek, hala nola, CVAE izenekoa —sortutako balio erantsiaren gainean ordaintzen dute— eta jabetza higiezinen gainekoak. Castexek ziurtatu du enpresa txikiek eta ertainek aterako diotela etekin gehien, nahiz eta CVAE soilik ordaintzen duten 500.000 eurotik gora fakturatzen dutenek. Zein da hirugarren atala? Beste arlo bat ere izango du planak: 35.000 milioi euro jarriko ditu «lurralde eta gizarte kohesioa bermatzeko». Atal horretan izango dira gazteen aldeko enplegu plan bat (6.500 milioi), tokiko erakundeen inbertsioak laguntzea (5.200 milioi), eta erietxeetan egin beharreko inbertsioak (6.000 milioi). Langabeak trebatzeko dirua handituko du gobernuak. Planaren barruan ez dagoen arren, langabezia partziala —Hegoaldeko aldi baterako erregulazio espedienteak— luzatuko ditu Frantziak, batez ere oraindik muga asko dituzten sektoretan, hala nola, kulturan eta turismoan.
2020-9-3
https://www.berria.eus/albisteak/186388/beste-716-kasu-atzeman-dituzte-hego-euskal-herrian.htm
Gizartea
Beste 716 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian
Positiboen portzentajea iragan astean baino bi puntu txikiagoa da: %6,5.
Beste 716 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian. Positiboen portzentajea iragan astean baino bi puntu txikiagoa da: %6,5.
Azken orduetan 10.958 PCR proba egin dituzte Hego Euskal Herrian, eta horietatik 716 positiboak izan dira. Bezperan baino zertxobait handiagoa da kopurua (680), baina badirudi azken egunetan apalduz doazela kutsatzeak. Izan ere, iragan astearen amaieran positiboen portzentajea %8-9ren bueltan ibili zen, eta orain, berriz, %6,5 da. Birsorkuntza tasaren berri ere eman du Eusko Jaurlaritzak, eta aldaketa igarri daiteke. Bi hilabeteren ostean, baten azpitik zegoen atzo, eta baita gaur ere: 0,96. Positibo eman duen pertsona batek zenbat lagun kutsatzen dituen adierazten du tasa horrek. Halere, Bizkaian, positiboen gorakada nabarmena atzeman da. Bezperan, 246 kasu izan ziren; azken orduetan, berriz, 360. Beste behin ere, intzidentzia handienak hirigune handienetan izan dira: Bilbon, 126 kasu atzeman dituzte; Barakaldon, 32; Getxon, 20; eta Portugaleten, 16. Gipuzkoan, 165 kasuren berri eman dute. Gehienak hiriburuan detektatu dituzte (58), baina Hernaniko datuak dira adierazgarriak: 26 kasu detektatu dituzte. Izan ere, herriko zahar etxean agerraldi bat izan da, eta hainbat egoiliar eta langile kutsatu dira. Nafarroan, atzo baino 23 kasu gutxiago detektatu dituzte, 111. Halere, intzidentzia altua da inguru batzuetan, Tuterako osasun eremuan gehienbat. Kasuen %27 bertan izan dira. Araban ere behera egin dute kutsatzeek; 53 kasu izan dira, atzo 91. Erkidegotik kanpo beste 27 atzeman ditu Jaurlaritzak. Ospitaleetako egoeraren berri ere eman dute Jaurlaritzako eta Nafarroako Osasun Sailak. Azken orduetan, beste 66 gaixo ospitaleratu dituzte, eta, oraintxe, 393 lagun daude COVID-19aren ondorioz ospitalean. Horietatik 55, ZIU zainketa intentsiboetarako unitateetan. Irunen beste kasurik ez Osakidetza hiru tokitan aritu da egunotan PCR proba masiboak egiten. Gasteizko polizia etxearen kasuan, asteburuan ekin zioten testak egiteari, eta 325 egin dituzte guztira. Horietatik hiru positiboak izan dira. Polizia etxeko langile guztiei egin dizkiete probak, eta Osasun Sailak itxitzat eman du baheketa. Mungiako (Bizkaia) Goieta tabernan izandako agerraldia dela eta, 242 PCR egin dituzte oraingoz, eta 120 probaren emaitza jakin du Osasun Sailak. Horietatik bi izan dira positiboak. Gaur beste 282 test egingo dituzte. Azken agerraldia Irungo (Gipuzkoa) Gaztelumendi tabernan sorturikoa izan da. Taberna horretan izan zirenei proba egitera joateko eskatu zien Osasun Sailak atzo, eta 445 pertsonari egin zieten testa. Horietatik 427k proben emaitzak jakin dituzte, eta guztiak negatiboak izan dira. Gaur probak egiten jarraituko du Osakidetzak.
2020-9-3
https://www.berria.eus/albisteak/186389/lau-egoiliar-hil-dira-azken-bi-egunetan-bizkaian.htm
Gizartea
Lau egoiliar hil dira azken bi egunetan Bizkaian
Udako agerraldiak hasi zirenetik 21 egoiliar zendu dira herrialde horretan.
Lau egoiliar hil dira azken bi egunetan Bizkaian. Udako agerraldiak hasi zirenetik 21 egoiliar zendu dira herrialde horretan.
Azken bi asteak beltzak izaten ari dira Bizkaiko zahar etxeetan. Abuztuan gaitza berriro ere hedatzen hasi zen herrialdeko zahar etxeetan, eta azken asteetan ondoriorik latzenak eragin ditu. Azken bi egunetan lau egoiliar zendu dira COVID-19aren eraginez, eta uda hasi zenetik 21 izan dira. Bizkaia ez da, ordea, heriotzak eragin dituen herrialde bakarra. Atzo jakinarazi zuten tokiko Foru Aldundiek bi egoiliar hil zirela Araban eta Gipuzkoan. Denera, zahar etxeetako bi adineko zendu dira Araban, eta hiru Gipuzkoan. Bizkaiko egoiliarren artean ez da beste positiborik izan azken orduetan, baina bi pertsona ospitaleratu behar izan dituzte: 104 positibo daude, eta beste 19 ospitaleraturik. Langileen artean, 94 daude kutsaturik eta beste 89 bakarturik, prebentzio moduan. Hernanin 29 kasu Hernaniko (Gipuzkoa) zahar etxean agerraldi bortitz bat izan da azken egunetan. Astelehenean, positibo eman zuen bertako egoiliar batek, eta PCR probak egin zizkieten langile eta egoiliar guztiei. Testen emaitzek beste 28 kasu azaleratu dituzte bertan bizi diren pertsonen eta langileen artean. Baliteke datozen orduetan kasu gehiago ere izatea, emaitzak falta baitira jakiteko oraindik.
2020-9-3
https://www.berria.eus/albisteak/186390/torrak-aldaketak-egin-ditu-kataluniako-gobernuan.htm
Mundua
Torrak aldaketak egin ditu Kataluniako Gobernuan
Hiru kontseilari ordezkatu ditu: Miquel Buch Barne kontseilaria, Angels Chacon Enpresakoa eta Mariangela Vilallonga Kulturakoa.
Torrak aldaketak egin ditu Kataluniako Gobernuan. Hiru kontseilari ordezkatu ditu: Miquel Buch Barne kontseilaria, Angels Chacon Enpresakoa eta Mariangela Vilallonga Kulturakoa.
Kataluniako Generalitateko presidente Quim Torrak aldaketak egin ditu gobernuan, eta hiru kontseilari ordezkatu ditu: Miquel Buch Barne kontseilaria, Angels Chacon Enpresakoa eta Mariangela Vilallonga Kulturakoa. Horien ordezko izango dira Miquel Samper (Barne kontseilari), Ramon Tremosa (Enpresa) eta Angels Ponsa (Kultura). Hain zuzen, Auzitegi Gorenak Torra inhabilitatzeko erabakia hartu dezakeen bistaren atarian hartu du erabakia. PDeCAT-Junst Per Catalunya alderdien harremana gaiztotu izanak eragina izan du —PDeCAT-eko kide izaten jarraitzen du Chaconek; alderdi horretako ordezkari bakarra Torraren kabinetean—. Desadostasunak daude horien artean, eta joan den astelehenean Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidente ohiak Alderdi Demokrata Europar Katalaneko (PDeCAT) kide izateari utzi zion. Haren urratsei jarraituz, beste hainbat kontseilarik ere bide bera hartu zuten. Torraren erabakiaren ostean, PDeCAT alderdiko presidente David Bonvehik premiazko bilera batera deitu du. Gaur arratsaldean bilduko dira, eta ondoren, 17:00etan, taldeko bozeramaile Marc Solsonak prentsaurreko bat emango du, telematikoki. JxC hauteskunde hautagaitza gisa sortu zuten 2017ko azaroan, eta azken bozetan PDeCATen, Crida Nacionalen, Accio per la Republicaren eta hainbat independenteren arteko koalizioaren aterpe izan da. Puigdemontek eta haren gertukoek ezinbestekotzat jo dute independentismoaren elkargune izango den «zeharkako» alderdi bat sortzea, espektro ideologiko «zabala» hartuko duena. Helburu horrekin sortu zuen presidente ohiak Crida Nacional, 2018an, eta helburu berarekin bihurtu zuen JxC alderdi politiko joan den uztailean. PDeCATen eta JxCren bat egiteak zer formulari jarraitu behar dion, horixe da bi indarren arteko akordiorako oztopo nagusia. Puigdemontek alderdi berriarekin bat egitera deitu zituen PDeCATeko kideak —2.800 baino gehiago ditu —, baina alderdi horretako zuzendaritzak bere militanteei ohartarazi die militantzia bikoitza debekatua dutela. Hortaz, «zintzo» jokatzeko eskatu zien Puigdemonten proiektu berriarekin bat egin nahi dutenei, eta alderdia uzteko esan zien.
2020-9-3
https://www.berria.eus/albisteak/186391/leitzan-neurriak-zorroztuko-dituzte-kasuak-ugaritu-direla-eta.htm
Gizartea
Leitzan neurriak zorroztuko dituzte kasuak ugaritu direla eta
PCR probak egin dizkiete hamabost urtetik gorako herritar guztiei.
Leitzan neurriak zorroztuko dituzte kasuak ugaritu direla eta. PCR probak egin dizkiete hamabost urtetik gorako herritar guztiei.
Nafarroako Gobernuak foru agindu bat argitaratu du Leitzan neurri murriztaileagoak ezartzeko, azken egunetan izan den kasuen gorakada dela eta. Izan ere, abuztuaren 26tik irailaren 2ra bitartean 31 kasu atzeman dituzte hango osasun eremuan. Pandemia hasi zenetik eta abuztuaren 25era arte, 23 kasu izan dira guztira Leitzan. Neurrien bidez, edukierak mugatuko dituzte gehienbat, eta hamabost egunez egongo dira indarrean. Taberna eta jatetxeetan erdira murriztuko da edukiera barnealdean, eta %75ekoa izango da kanpoaldean. Gainera, mahai baten inguruan ezingo dira sei lagun baino gehiago bildu, eta ezingo da barran kontsumitu. Aisialdi gune publikoetan ere taldeak sei pertsonakoak izango dira gehienez ere, eta edukiera hemezortzi pertsonakoa izango da. Eremu pribatua arautzeko eskumenik ez izan arren, udalak jendea ez pilatzeko eta sei pertsona baino gehiagoko taldeetan ez biltzeko eskatu die herritarrei. Aldi berean, elkarte gastronomikoak, gazte lokalak eta halako elkarguneak ezingo dira erabili. Udal zerbitzuei ere eragingo diete neurriek. Kiroldegia irekita egongo da, baina ezin izango da talde jarduerarik egin, eta frontoia eta pista ere ez dira erabilgarri egongo. Gainera, kirol eta kultur jarduera guztiak bertan behera geratuko dira bi astez. Udal zerbitzuek martxan jarraituko dute, baina ordua eskatu beharko da aurretik. Bestalde, udalak ohar baten bitartez jakinarazi du PCR proba masiboak egingo dituztela asteburuan herrian, kasuak «adin eta inguru oso ezberdinetako» pertsonen artean atzeman baitituzte. Hamabost urtetik gorako herritar guztiei egingo diete testa larunbatetik igandera bitartean; guztira, 2.500 inguru izango dira.
2020-9-3
https://www.berria.eus/albisteak/186392/eh-bilduk-eta-elkarrekin-podemosek-kontinuismoa-egotzi-diote-eajri.htm
Politika
EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek «kontinuismoa» egotzi diote EAJri
Egibarrek adierazi du EH Bilduk «oposizio integrala» egitea erabaki duela, eta ez dutela lankidetzarik nahi izan. Anduezak «oposizioko buru» izan nahi duela esan dio Iriarteri.
EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek «kontinuismoa» egotzi diote EAJri. Egibarrek adierazi du EH Bilduk «oposizio integrala» egitea erabaki duela, eta ez dutela lankidetzarik nahi izan. Anduezak «oposizioko buru» izan nahi duela esan dio Iriarteri.
Eusko Jaurlaritzako lehendakaria aukeratu aurretik, Maddalen Iriarte EH Bilduren lehendakarigaiak eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakariak eta EAJren lehendakarigaiak beren hitzaldiak egin dituzte Eusko Legebiltzarrean. Urkulluk adierazi du gobernu akordio «sendoa» lortu duela PSE-EErekin, eta datozen legealdirako asmo nagusiak azaldu ditu; enplegua eta ekonomia suspertzea, batez ere. Iriartek, berriz, «pertsonak erdigunean jarriko dituen trantsizio feminista eta ekologista» aldarrikatu du, eta esan du EH Bilduk politika egiteko beste modu bat erakutsi duela. Bi proiektuen arteko talka agerian geratu da alderdietako ordezkariek ondoren egin dituzten adierazpenetan. Joseba Egibar EAJren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak esan du EH Bilduk erabaki duela «oposizio integrala» egitea gobernuari, eta ez «eraikitzailea». Parlamentuan zeuden kazetariei adierazi die Iriartek hauteskunde programa aurkeztu duela goizeko hitzaldian, gobernu programaren beharrean. Lankidetzarako espaziorik ez bilatu izana egotzi dio koalizio independentistari, eta ohartarazi du EH Bilduk inbestidurara bere hautagaia beste babesik gabe aurkeztu izanak «baldintzatu lezakeela» taldea ondoren. «Kontinuismoa, betikoa, irtenbide zaharrak arazo berriei, lehentasun zaharkituak». Hori ikusi du Urkulluren hitzaldian Jasone Agirre EH Bilduko legebiltzarkideak. EAJ eta PSE-EEri leporatu die «prekarietatea» eragin duen eredu batekin jarraitu nahi dutela, eta jarduneko lehendakariaren lankidetzarako deiari ez du «sinesgarritzat» jo. Kritikatu du Urkulluk «beste guztiak alde batera utzita» gobernatu izan duela, «baita haren gobernukideak ere». Horren aurrean, uste du «bi eredu» daudela «politika egiteko eta herritarren beharrei erantzuteko». PSE-EEko Eneko Anduezak ere uste du agerian geratu dela bi proiektu daudela aurrez aurre. Bestelako iritzi bat du haien gainean, baina: «Bata proiektu sendo eta sinesgarri bat da, eta bestea, oposizioko buru izan nahi duen hautagai baten proiektua», esan du. Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemosen Eusko Legebiltzarreko bozeramaileari, ordea, «autokonplazientziazkoa eta kontinuista» iruditu zaio Urkulluren hitzaldia. «Elkarrekin Podemosek ez du hori babesten», adierazi du. Haren alderdia abstenitu egingo da arratsaldeko bozketan. Iriarteri «oso proposamen interesgarriak» entzun dizkion arren, ez du uste aurrera egiterik dutenik. Kanpainako mezua errepikatu du: EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk bat egitea. PP eta Ciudadanosen taldeko bozeramaile Carmelo Barriok gogor kritikatu du Urkulluk esandakoa, ez duelako autokritikarik egin. Aurreko legealdiak «huts egin» duela uste du Barriok, Zaldibarko zabortegiaren auzian, hezkuntzan eta ustelkerian, besteak beste; «baina badirudi diskurtsoak berdin balio diola». Salatu du autogobernua «obsesio bat» dela EAJ eta EH Bildurentzat.
2020-9-3
https://www.berria.eus/albisteak/186393/bera-berak-agur-esan-dio-kopari.htm
Kirola
Bera Berak agur esan dio Kopari
Imanol Alvarezen taldeak ez du egun ona izan, eta final-laurdenetan geratu da kanporatua. Elxen defentsa ona gainditu ezinik aritu dira gipuzkoarrak.
Bera Berak agur esan dio Kopari. Imanol Alvarezen taldeak ez du egun ona izan, eta final-laurdenetan geratu da kanporatua. Elxen defentsa ona gainditu ezinik aritu dira gipuzkoarrak.
Faboritoa zen, eta berriz Espainiako Kopako titulua eskuratzeko hautagai nagusia. Baina ez da posible izan. Super Amara Bera Berak lehen neurketan esan dio agur Espainiako Kopako azken faseari, Elxen aurka 24-28 galduta. Txapelketa maiatzean jokatzekoa zen, baina, koronabirusaren pandemia tarteko, bertan behera geratu zen. Imanol Alvarezen jokalariek esana zuten Elxen aurkako neurketa ez zela erraza izango. Aurreko sasoian bigarren izan zen Herrialde Katanaletako taldea, eta oraingoan ere goian egoteko hautagai nagusietako bat da. Bestalde, pandemiak eragindako eten luzearen ondoren, ikuskizun zegoen nola hasiko ziren lehiatzen taldeak. Bada, Bera Bera ez da ondo hasi. Elx hasieratik jarri da markagailuan aurretik, eta Bera Bera kontrakarrean aritu da. Kataluniako taldea 0-2 aurreratu da. Musonsek min handia egin dio talde gipuzkoarrari lehia hasieran. Bera Beran erasoan Pizzo ibili da batez ere fin. Baina Alvarezenek eutsi egin diote, eta, Maitane Etxeberriaren gol bati esker, aurretik ere jarri dira 16. minutuan: 8-7. Bazirudien Bera Bera partidan sartzen ari zela pixkanaka. Baina Elx aurkari deserosoa da, eta berean jarrraitu du. Erasoan asmatuz, eta batez ere defentsan zulo gutxi utziz. Bera Berari kosta egiten zitzaion golak sartzea. Atsedenaldira 13-14 iritsi da aurretik Elx. Aldagelatik bueltan, gauzek okerrera egin dute Bera Berarentzat. Hor hautsi du partida talde kataluniarrak. Jokaldiz jokaldi, aldea handituz joan da, eta zazpi golen aldea lortu du: 20-27. Adorez, partidari buelta ematen ahalegindu dira gipuzkoarrak, baina ez dute lortu. Nahiz eta azken txanpan apur bat murriztu duten aldea: 24-28. Imanol Alvarezek berak ez dio porrotari aitzakiarik jarri. "Ez gara ondo aritu. Elxek partida ona jokatu du, eta ez dugu asmatu haren defentsa lan onari aurre egiten".
2020-9-3
https://www.berria.eus/albisteak/186394/egoiliar-bat-eta-langile-bat-kutsatu-dira-donibane-lohizuneko-geriatria-zerbitzuan.htm
Gizartea
Egoiliar bat eta langile bat kutsatu dira Donibane Lohizuneko geriatria zerbitzuan
Adineko batek eta osasun langile batek eman dute positibo PCR proban. Bisitak debekatu dituzte.
Egoiliar bat eta langile bat kutsatu dira Donibane Lohizuneko geriatria zerbitzuan. Adineko batek eta osasun langile batek eman dute positibo PCR proban. Bisitak debekatu dituzte.
Baionako ospitaleak Donibane Lohizunen (Lapurdi) daukan geriatria zerbitzuan, COVID-19 gaitzak kutsaturiko bi pertsona atzeman dituzte. Lehena, adineko egoiliarra da; bigarrena zerbitzuko osasun langilea. Abuztu bukaeran atzeman zieten gaitza biei; eta Eskualdeko Osasun Agentziak baieztatu du zerbitzuko langile eta egoiliar guziei egin dietela proba. Emaitzen zain daude orain, eta, anartean, bisitak debekatu dituzte. Egoitzan, 75 urtetik gorako pazienteak artatzen dituzte, epe motz zein luzeetarako.
2020-9-3
https://www.berria.eus/albisteak/186395/martin-villa-epaitua-eta-kondenatua-izan-dadila-eskatu-dute-irunean.htm
Gizartea
Martin Villa epaitua eta kondenatua izan dadila eskatu dute Iruñean
Gaur arratsaldean galdekatuko du Servini epaile argentinarrak Martin Villa ministro ohi frankista, gizateriaren aurka gauzaturiko krimenengatik. Telematikoki hartuko dio deklarazioa.
Martin Villa epaitua eta kondenatua izan dadila eskatu dute Iruñean. Gaur arratsaldean galdekatuko du Servini epaile argentinarrak Martin Villa ministro ohi frankista, gizateriaren aurka gauzaturiko krimenengatik. Telematikoki hartuko dio deklarazioa.
Iruñeko Justizia Jauregiaren parean egin dute protesta, frankismoa epaitua izan dadin eskatzeko. 78ko Sanferminak Gogoan plataformak egin du deialdia elkarretaratzeko, eta protestarekin bat egin dute beste zenbait eragilek: hala nola, parte hartu dute Martxoak 3 elkarteak, Joseba Barandiaranen familiakoek, Goldatu elkarteak, Intxorta 1937 Kultur Elkarteak, Egiari Zor Fundazioak, Amapola del Camino-k eta Mirandako Elkarte Errepublikanoak. Bertaratutakoek babesa adierazi diote Servini epaileak bultzaturiko kereila argentinarrari, eta argitu dute hain justu hori bera dela frankismoaren krimenengatik irekitako akzio penal bakarra. Iruñean bildu direnen esanetan, kereilak agerian uzten ditu erregimen frankistan giza eskubideen kontrako “bortxatze masibo eta sistematikoetakoak”. Espero dute hori bide izatea “Rodolfo Martin Villa epaitua eta kondenatua izateko ateak zabaltzeko”. Bestalde, gogora ekarri dute Martin Villak “kitatu gabeko kargu aunitz” dituela Euskal Herrian. “Ministro zelarik, krimen eta sarraski polizial eta parapolizial ugari egin ziren gure herrian”, esan du Presen Zubillaga 78ko Sanferminak Gogoan plataformako kideak, eta zerrendatu egin ditu horietako batzuk; Gasteizko martxoaren 3koa, Jurramendikoa, eta 1978ko sanferminetakoa, besteak beste. Haren esanetan, Martin Villa “gako” izan zen horietan guztietan. Bera karguan zelarik, 90 pertsona hil zituzten osotara. Halaber, Zubillagak azaldu du oztopoak ugari izan direla azkenik gaur Martin Villari eginen zaion galdeketa gauzatu ahal izateko. “Espainiako instituzioek ez dute inoiz deus egin bortxatze larri horiek jazarri, epaitu eta zigortzeko. Aitzitik, babestu egin dituzte”, salatu du Zubillagak, eta, era berean, gogor kritikatu du berriki Espainiako lau presidente ohik Martin Villari erakutsitako babesa: “Jarrera lotsagabea pertsonaia horiena”, esan du. Dena dela, argitu du jokabide horrek ez dituela harritu, “tamalez”. Aldarrikatu du hain justu Espainiako presidente ohi horiek direla, hein handi batean, “frankismoak gizateriaren aurka gauzaturiko krimenen erantzuleekin izandako inpunitate politikaren egileak”.
2020-9-3
https://www.berria.eus/albisteak/186396/frantziako-gobernuak-murriztu-du-zaurgarrientzako-lan-geldialdia.htm
Gizartea
Frantziako Gobernuak murriztu du zaurgarrientzako lan geldialdia
Minbizia, immunoeskasia, adinekoen diabetea eta giltzurrun eskasia dutenek soilik ukanen dute etxean egoteko baimena.
Frantziako Gobernuak murriztu du zaurgarrientzako lan geldialdia. Minbizia, immunoeskasia, adinekoen diabetea eta giltzurrun eskasia dutenek soilik ukanen dute etxean egoteko baimena.
Deskonfinamendutik geroz, koronabirusaren aitzinean zaurgarri zirenei etxeratze baimena ematen ahal zien medikuak. Eritasun anitz sartzen ziren baimena lortzeko irizpideetan; eta, horren bidez, telelana egiten ahal zuten eriek. Lanbideagatik telelana egiten ahal ez zutenek, langabezia partziala eskuratzen ahal zuten. Bestalde, pertsona zaurgarri batekin bizi diren langileek ere lor zezaketen etxean egoteko baimena. Frantziako Gobernuak ordea, «birusarekin bizitzen ikasi beharra» azpimarratu du azken hilabeteetan, eta ekonomia berriz bultzatzeko asmoz, lanera itzultzeko dinamika bultzatu du. Hala, zaurgarri direnek pandemiagatik lan geldialdia lortzeko irizpideak murriztu ditu gobernuak. Oraindik goiti, lau patologia baizik ez dira sartzen irizpide horietan: minbizia, immunoeskasia, 65 urtetik gorakoen diabetea —erretretarako adin legala 65 urte da Frantziako Estatuan—, eta giltzurrun eskastasuna edo dialisia dutenak. Alta, beste gaitz frankok eragiten dute zaurgarri izatea; hala nola bihotzeko eritasunek, asmak eta obesitateak, besteak beste. Koronabirusak jota Frantziako Estatuan hil direnen zerrenda begiratuta, bihotzeko eritasunak dituztenek irudikatzen dute kopururik handiena: %34; arnas eritasunengatik zaurgarri zirenak %13 dira hildakoen artean.
2020-9-3
https://www.berria.eus/albisteak/186397/gasteizko-maratoia-bertan-behera.htm
Kirola
Gasteizko Maratoia, bertan behera
Aurtengo lasterketa ez egitea erabaki du antolakuntzak, COVID-19arengatik.
Gasteizko Maratoia, bertan behera. Aurtengo lasterketa ez egitea erabaki du antolakuntzak, COVID-19arengatik.
Gasteiz maratoirik gabe geratuko da aurten. Antolakuntzak erabaki du bertan behera uztea Martin Fizen izena daraman proba, COVID-19arengatik. Irailaren 27ra atzeratu zuten maiatzean egitekoa zen lasterketa, baina, azkenean, hil honetan ere ez da izango. "Korrikalarien, laguntzaileen, antolatzaileen eta ikusleen osasuna ezin dira bermatu, eta horregatik hartu dugu erabakia". Izena emana dutenentzat, hiru aukera prestatu dituzte, denak ere irailaren 30a baino lehen gauzatu beharrekoak: aurtengo zenbakia edo dortsala 2021eko probarako gordetzea; dirua itzultzeko eskatzea eta, beraz, datorren urteko probarako lekua galtzea (tramitazioa 3 € kostako da); edo izena ematerakoan ordaindutakoa antolakuntzari ematea.
2020-9-3
https://www.berria.eus/albisteak/186398/lutsenkok-ihesean-irabazi-du-lehia-gutxiko-etapa-menditsua.htm
Kirola
Lutsenkok ihesean irabazi du lehia gutxiko etapa menditsua
Astanakoak Lusetten utzi ditu atzean iheskideak, eta sendo eutsi dio aldeari. Sua pizteko beste aukera bat galdu dute Tourra irabazteko hautagaiek. Yatesek jarraitzen du horiz jantzita
Lutsenkok ihesean irabazi du lehia gutxiko etapa menditsua. Astanakoak Lusetten utzi ditu atzean iheskideak, eta sendo eutsi dio aldeari. Sua pizteko beste aukera bat galdu dute Tourra irabazteko hautagaiek. Yatesek jarraitzen du horiz jantzita
Alexey Lutsenko (Astana) izan da nagusi Frantziako Tourreko seigarren etapan, eguneko ihesaldia borobilduta. Mendaterik gogorrenean, Lusetten (11,7 kilometro eta %7,3ko pendiza) egin du aurrera, eta ezin izan du inork ere harrapatu. Tourrean etapa garaipen bat lortzen duen bigarren txirrindulari kazakhstandarra da, Astanako zuzendari Alexander Vinokuroven ostean. Ihesaldian ez da borroka handiegirik egon; bada, are gutxiago onenen multzoan. Min egiteko moduko igoera zen Lusette, baina faboritoek nahiago izan dute Ineosen erritmo mantsoari jarraitu. Hala, lidertzari inolako arazorik gabe eutsi dio Simon Yatesek (Mitchelton). A ihesaldirik egon. Gaur, ordea, maila handiko multzoa osatu da lasterketa buruan, Nicolas Roche (Sunweb), Neilson Powless (Education First), Remi Cavagna (Deceuninck), Edvald Boasson Hagen (NTT), Greg Van Avermaet (CCC), Daniel Oss (Bora), Jesus Herrada (Cofidis) eta Lutsenkorekin. Lauak ziren etapako lehen 140 kilometroak, eta zati hori bidea egiteko probestu du zortzikoteak. Sei minututik gorako aldea hartu du, eta ondo eutsi dio kilometroen joanean. Ordea, Jumbo Visma lanean jarri da Costen, eguneko lehen mendatean, eta Ineosek lekukoa hartu dio Mourezesen gora. Hala, tropelak 2.40ra jaitsi du aldea. Lusetten, ordea, lasterketa kontrolpean mantendu nahi izan du talde britainiarrak. Ez du batere estutu, akaso Egan Bernalen ahuldadeak bistara ez zitezen. Une aproposa izan zitekeen kolonbiarrari eraso egiteko, baina aurkariek gurpilean iraun dute, zirkinik ere egin gabe. UAEk Fabio Aru bidali du aurrera, baina eraginik gabeko mugimendua izan da. Jumbo Visma, berriz, itzalpean gelditu da, azken egunetan zeresana eman ondotik. Hori horrela, arnasa hartu dute iheslariek, eta etapa irabazteko erasoei ekin diete. Powless bitan saiatu da, baina Lutsenko izan da azkenean nagusitu dena. Hari jarraitzen saiatu da Herrada, atzetik aurrera eginda, baina Astanakoak bestelako pedal kolpea zeraman. Mont Aigoualen, Mitchelton jarri da tropelaren buruan, Mikel Nieve lanean jarrita. Mendate etzana zen, eta hor ere ez dira mugitu oilarrak. Matxura izan du Tadej Pogacarrek (UAE), baina azkar batean egin du bat tropelarekin. Esprintean, bizi abiatu da Julian Alaphilippe, eta segundo bat urratzea lortu du. Gaur ez dute nekaturik hartu, eta hurrengo etapan atseden hartu ahal izango dute hautagaiek, laua izango baita. Ezusterik ezean, esprinterren arteko buruz-burukoan erabakiko da.
2020-9-3
https://www.berria.eus/albisteak/186399/bost-faboritoak-cabo-eta-zarautz-sailkatu-dira-kontxako-bandera-jokatzeko.htm
Kirola
Bost faboritoak, Cabo eta Zarautz sailkatu dira Kontxako Bandera jokatzeko
Zierbenak egin du denbora onena, ezusterik izan ez duen sailkatze estropadan, eta datozen bi igandeetan estropada ospetsuenean ariko diren zortzikoa osatu da, Donostiarrarekin batera. Ondarroa geratu da kanpoan 2,32 segundogatik.
Bost faboritoak, Cabo eta Zarautz sailkatu dira Kontxako Bandera jokatzeko. Zierbenak egin du denbora onena, ezusterik izan ez duen sailkatze estropadan, eta datozen bi igandeetan estropada ospetsuenean ariko diren zortzikoa osatu da, Donostiarrarekin batera. Ondarroa geratu da kanpoan 2,32 segundogatik.
Kontxako sailkatze estropadan gertatu izan dira ezusteak, baina gaur ez. Halakoak gertatzeko, eguraldi aldaketak eta itsaso nahasiak izaten dituzte bidaide ezuste emaileek, eta horrela izanda ere, beti ez da sorpresarik izaten. Gaurko baldintzak oso onak ziren. "Inoizko onenak", esan du Oscar Hermo Caboko patroiak. Itsasoa, eguraldia eta talde handienen berezko dohainak alde izan dituztela, batere arazorik gabe sailkatu dira kiniela guztietan zeuden bost traineruak: Zierbena, Orio, Hondarribia, Santurtzi eta Urdaibai. Cabo ere aurreikuspen gehienetan zegoen, eta Kontxan ariko da. Zarautz izan da zazpigarren sailkatua, eta horrek ere aukerak zituen beste talde batzuekin lehia estuan. Hain zuzen, azkeneko lekuaren bila aritzeko multzoan zen Ondarroaro tokatu zaio zortzigarren postu petrala, eta hutsagatik, gainera, 2,32 segundo baino ez dizkio atera Zarautzek. Azkena sailkatu dena izan da aurrena ateratzen, zozketak horrela erabakita. Zarautz itsu-itsuan atera da, batere erreferentzia eta daturik gabe. "Gurea egitera gara atera gara", esan du Aitzol Garro patroiak. Bai egin ere. Arraunean ondo egiteko pentsamendua bakarrik buruan, hasieratik atera da 'Enbata' egurrean. Ziaboga bakarrean barruan izateko saritxoa eman dio horrek, eta bueltako luzean, sari txikia sari handi bilakatu du. Baina Igor Gurutxarri arraunlariak lanak bukatu eta lehorrean esan duen bezala, "nire bizitzako hamar minutu luzeenak igaro ditut beste taldeek lanak bukatu bitartean". Azkenean, merezi izan da zain egoteak, eta Zarautzek Kontxa lehiatuko du berriz; azkenekoa 2007an izan zen. Asteburuan kolpea hartu zuen Galizian, Eusko Label ligako kanporaketa jokatzera bideratu baitzuten hango bi emaitzek, baina azkar jaiki da. Zierbena zetorren Zarautzen atzetik hurrenkeran, eta airean ibili da gaur traineru zuria. Kanpoan, denbora onena egin du, eta beste horrenbeste egin du bukaeran. Sailkatzera baino zerbait gehiago egitera joan da gaur, Juan Zunzunegik gero esan duen moduan: "Iganderako, taldeari heldutasun puntua eman nahi izan diogu". Emaitza historikoa da Bizkaiko mendebaldeko traineruarentzat, lehen aldiz irabazi duelako sailkatze estropada. Oriok egin du gaur bigarren, eta atera ere Zierbenaren atzetik atera da. Gaurko emaitzei ez zaie buelta asko eman behar, baina oriotarren kasuan, azken estropadetako gorabeherak gozatzeko balioko die bigarren egin izanak, eta Zierbena indartsuak 3,88 segudo bakarrik atera izana datu ona da Jon Salsamendi bezalako motibatzaile on batentzat arraunlarien buruetan eragiteko. Hondarribiak egin du laugarren, Orioren gainean, 88 ehunenetara. Lana bete eta barrura, baina ez edozein moduz eta zabarkeriz. "Sailkatzeaz gain, aurkariengandik gertu ibili nahi genuen", esan du Mikel Orbañanosek. Kanpora eta barrura lana doitu, eta egin beheharrekoa ondo taxutu du azken bi urteetan bandera ospetsua herrira eraman duen taldeak. Santurtzik ere bete du berea. Kanpora uste baino gehiago sufritu duela ematen dute aditzera denborek, Zarautzek baino lau segundo bizkorrago eman duelako buelta, eta Ondarroak baino zazpi bizkorrago. Bueltako luzean hortzak estutu beharrean izan da, eta ondo ema dio buelta lanari eta emaitzari. Barrura denbora ona eginez, laugarren izan da gaur, Zierbenagatik 13,06 segundora. Mikel Azkarate arraunlariak gaurko estropadaren arriskuez hitz egin du: "Gure lana egin dugu, eta gustura. Sailkatzea da garrantzitsua, arriskutsua izaten delako gaurkoa". Urdaibairi bukatu zaio halako batean abuztu madarikatua, gauzak aldrebes atera baitzitzaizkion aurreko hilabetean. Iraileko lehen estropadan, uztaileko itxura eman du, eta estutasun handirik gabe egin du barrura, aurrenekotik 14,38 segundora, nahiz eta ziabogan, Santurtziren denboretan ibili. Gustura azaldu da Jon Elortegi arraunlaria eta entrenatzailea: "Pozik gaude. Arraunean ondo egin behar izaten da sailkatzeko, eta horixe egin dugu". Bizkaiko bi talde indartsu horiek baino segundo bat azkarrago ibili da kanpoan Cabo. "Kanpora ondo joan gara", esan du Hermok gero, "barrura ez hainbeste, ordea", gehitu du segituan. Sailkatu direnen artean, Galiziako taldea izan da kaxkarrena bueltako luzean, baina sailkatu egin da, eta urteko helburua beteta, pozik dira. Gaurko egunez, beti izaten da kolpea hartzen duen norbait, eta Ondarroa izan da gaur. Iaz, garai honetan, poza eta algara zen nagusi herrian eta Donostiako arranplan, sailkatze estropada irabazi eta 24 urtere buruan berriz ere sailkatu egin zelako. Gaur, kontrako sentimenduarekin dira, baina "harro", Iñaki Errasti arraunlari eta entrenatzaileak esan duen bezala: "Gure lana egin dugu, baina ezin izan da. Kanpora ondo joan gara -Zarautz baino hiru segundo okerrago-, baina barrura gehiago kosta izan zaigu". Ondarroaren atzetik Ares geratu da, Zarautzengandik 9,82 segundora. Barrurako luzean galdu ditu aukera guztiak. Pedreñaren aurretik Isuntza sartu da, Zarautzengandik 13,58ra, eta ondoren, KAE 1 ligako aurtengo garailea. Bazen jakin minik talde horren inguruan, eta ziabogan, Zarautzek baino zazpi segundo makalago ibilita, aukerak izan ditu bueltako luzean. Baina hortxe joan zaizkio aukerak, eta sailkatzetik 17,56 segundora geratu da. Azkena izan da helmugan sartzen Pedreña, eta San Pedrok zeharkatu du helmuga haren aurretik. Mikel Arostegi pasaitarren arraunlari eta entrenatzaileak gero esan duenez, baldintzak txartu egin dira estropada aurrera joan ahala: "Uste genuen haizeak behera egingo zuela, baina zakartu egin da, eta ez digu mesederik egin". San Pedro 11. izan da, Zierbenatik 53,34ra. Igandeko txandak Honela geratu dira lehen iganderako txandak (11:00etan hasiko da gizonezkoen estropada): 1. Donostiarra, Zarautz, Urdaibai eta Santurtzi. 2. Orio, Hondarribia, Cabo eta Zierbena.
2020-9-3
https://www.berria.eus/albisteak/186400/urkullu-aukeratu-dute-eusko-jaurlaritzako-lehendakari-hirugarrenez.htm
Politika
Urkullu aukeratu dute Eusko Jaurlaritzako lehendakari, hirugarrenez
EAJko hautagaiak aldeko 40 boto jaso ditu, eta Maddalen Iriarte EH Bildukoak 21. Etzi egingo du Urkulluk karguaren zina, Gernikako juntetxean.
Urkullu aukeratu dute Eusko Jaurlaritzako lehendakari, hirugarrenez. EAJko hautagaiak aldeko 40 boto jaso ditu, eta Maddalen Iriarte EH Bildukoak 21. Etzi egingo du Urkulluk karguaren zina, Gernikako juntetxean.
Iñigo Urkullu Renteriak jarraituko du Eusko Jaurlaritzako lehendakari karguan, hirugarrenez hautatua izan eta gero. 2012ko eta 2016ko bozketetan ez bezala, Eusko Legebiltzarraren gehiengo osoaren babesa jaso du EAJko lehendakarigaiak: jeltzaleen 30 legebiltzarkiderenak -berrogeialdian dagoela eta, ezin izan du botorik eman Irune Berasaluzek- eta PSE-EEko hamarrenak. Legealdia inoizko babes handienarekin zuzentzeko modua du beraz Urkulluk, eta, bururaino eramanez gero, hamabi urte egingo ditu lehendakaritzan. Amaieran, Urkulluk eskerrak eman dizkio legebiltzarrari: «Nire esker beroena sailburu guztioi eta beraien lantaldeei. Ohore handiena da Euskadiko Lehendakaria izatea, apalik eta ardura osoz hartzen dudan erantzukizuna. Beti ere Euskadiren alde». Urkulluk etzi egingo du karguaren zina, Gernikako juntetxean (Bizkaia). 12:00etan izango da ekitaldia, eta ondoren emango du gobernuaren osaketaren berri. Orain arte argitaratutako informazioen arabera, 11 sail izango ditu Jaurlaritza berriak, eta bi lehendakariorde; alderdi bakoitzeko bana. Izango dira aldaketak aurreko legealdikoarekiko; izan ere, gaur bertan jakinarazi dituzte Eusko Legebiltzarrak izendatzeko alderdiek proposatuko dituzten senatarigaiak, eta Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburua izango da jeltzaleen proposamena. 09:30ean hasi dute inbestidura saioa, ezohikoa; maskarak jantzita legebiltzarkideak, eta ohi baino publiko gutxiago, segurtasun neurriek hala behartuta. Iriarte izan da hitza hartzen lehena, bere gobernu asmoak aurkezteko. Koronabirusak eragindako krisiari aurre egiteko proposamenak aurkeztu ditu Iriartek; besteak beste, hezkuntzan ratioak jaistea eta curriculumak moldatzea, osasungintzari diru gehiago ematea eta zerbitzu sozialak indartzea. Esan du EH Bildu prest dagoela «trantsizio feminista, ekologikoa eta pertsonak botere publikoen ekintzaren erdigunean jarriko dituena» abiatzeko. «Ekintzarako garaia da, politika egiteko modu berri batena», haren hitzetan. Saioaren zuzeneko kontakizuna egin du BERRIAk. Beste ordu eta erdi izan du Urkulluk ere bere egitasmoa aurkezteko; pandemiak eragindako krisiari hiru aldetatik erantzungo diotela adierazi du: osasungintzatik, enplegutik eta gizarte kohesiotik. Esan du datorren legealdia «COVID-19aren legealdia» izango dela, eta bi betebehar nabarmendu ditu: osasun sistema ez kolapsatzea eta «ekonomiaren koma» etetea. Goizeko saioan zehar ezagutarazi dute EAJk eta PSE-EEk gobernu akordio osoa. Arratsaldean izan dute alderdiek bi hautagaien egitasmoei buruzko iritzia emateko txanda. Besteak beste, Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemosen Eusko Legebiltzarreko bozeramaileari «autokonplazientziazkoa eta kontinuista» iruditu zaio Urkulluren hitzaldia. «Elkarrekin Podemosek ez du hori babesten», adierazi du. Autokritika falta egotzi dio Carlos Iturgaiz PPko bozeramaileak ere. PSE-EEko Eneko Anduezak, berriz, uste du agerian geratu dela bi proiektu daudela aurrez aurre. Bestelako iritzi bat du haien gainean, baina: «Bata proiektu sendo eta sinesgarri bat da, eta bestea, oposizioko buru izan nahi duen hautagai baten proiektua», esan du.
2020-9-4
https://www.berria.eus/albisteak/186401/voxen-aurkako-protestan-atxilotutakoak-aske-geratzen-hasi-dira-goizaldean.htm
Politika
Voxen aurkako protestan atxilotutakoak aske geratzen hasi dira goizaldean
Hamabost lagun atxilotu dituzte Santurtzin, Voxen ekitaldi baten aurkako protesta batean. Desordena publikoak egitea egotzita atzeman dituzte.
Voxen aurkako protestan atxilotutakoak aske geratzen hasi dira goizaldean. Hamabost lagun atxilotu dituzte Santurtzin, Voxen ekitaldi baten aurkako protesta batean. Desordena publikoak egitea egotzita atzeman dituzte.
Ertzaintzak hamabost pertsona atxilotu zituen atzo arratsaldean Santurtzin (Bizkaian) Voxen ekitaldi baten aurka protestan ari zirela. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, desordena publikoak eragitea leporatuta atzeman dituzte. Goizalden aske geratzen hasi dira, bermea ordainduta, Euskadi Irratiak jakinarazi duenez. Jaurlaritzaren arabera, 200 pertsona baino gehiago batu dira Voxen aurkako protestara, eta, besteak beste, "Ezkerraldetik ez dira pasako" leloa zeramaten kartelak erakutsi eta "Euskal Herria antifaxista" eta "Alde hemendik" oihukatu dute. Ultraeskuinaren ekitaldian zen Javier Ortega Smith alderdiko idazkari nagusia. Ertzaintzak inguratu egin du ekitaldia egitekoa zen plaza, soilik ekitaldian parte hartzekoak zirenak sar zitezen. Protestan, hainbat lagunek edukiontziak gurutzatu dituzte Santurtziko kale batzuetan, eta botilak eta harriak jaurti dizkiete ertzainei. Bi polizia zauritu dira.
2020-9-4
https://www.berria.eus/albisteak/186433/cristina-uriarte-egoera-arlo-guztietan-da-zaila.htm
Gizartea
Cristina Uriarte: «Egoera arlo guztietan da zaila»
Esan du sindikatuek irailaren 15erako deitu duten grebak «atsekabea» eragin diola, arlo guztietan ekiteko unea dela adieraziz. Iragarri du jarraipen estuagoa egingo dutela haurrak eskolara doazela bermatzeko. Sindikatuekin bilduko direla adierazi du, baina ez noiz.
Cristina Uriarte: «Egoera arlo guztietan da zaila». Esan du sindikatuek irailaren 15erako deitu duten grebak «atsekabea» eragin diola, arlo guztietan ekiteko unea dela adieraziz. Iragarri du jarraipen estuagoa egingo dutela haurrak eskolara doazela bermatzeko. Sindikatuekin bilduko direla adierazi du, baina ez noiz.
Gaur goizean Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako jarduneko Hezkuntza sailburuak esan du «atsekabez» jaso duela hezkuntzako sindikatuek irailaren 15erako iragarri duten greba. Argudiatu du egoera arlo guztietan dela zaila eta ekiteko eta laguntzeko garaia dela. Deialdi horrek ez duela ikasturte hasiera aldatuko, gaineratu du. Ikasturtea astelehenean hasiko da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta, planifikazio, baliabide eta solaskidetza falta salatuz, gaur erregistratuko dute greba sindikatuek. Uriartek dio ikasturte hasiera garaiz prestatu zela, eta ekainean protokolo bat bidali zutela ikastetxeetara, prestatzen has zitezen. Protokolo hori apur bat egokitu dutela esan du, gaur egungo egoera aintzat hartuta, eta hori Osasun Sailaren irizpideak jarraituz egin dutela gaineratu du. Baztertu egin du irakasleei koronabirus probak egitea, «egun bakarrerako balio duelako emaitzak». BERRIAk gaur argitaratu duen erreportaje batean, hainbat ikastetxetako zuzendariek azaldu dute oraindik ez dutela babes materialik jaso. Zuzendariek kezka dute ea hartu dituzten neurriak nahikoa izango diren eskolen bidez COVID-19a ez zabaltzeko. «Baliabide asko jarri dira, eta behar direnak jarriko dira ikasturtea behar bezala has dadin», adierazi du Uriartek, eta ikastetxeak seguruak izango direla uste duela, baina baita jendea kutsatu daitekeela ere, beste edozein lekutan bezala. Ikasleen gurasoei gogorarazi die ulertzen duela beldurra izatea, baina haurrek ikastetxera joan behar dutela eta ardura hori gurasoena dela. Iragarri duenez, beste ikasturte batzuetan baino jarraipen estuagoa egingo du Jaurlaritzak eskolara nor ez den joaten jakiteko. Ratioez ez dutela hitz egin ere esan du, ezarri dituzten neurriak «argiak» direlako eta ikastetxeetako jarduna bermatzen dutelako, «dauden baliabideak» aintzat hartuta. «Sare publikoan estatu guztiko ikasle kopuru txikiena daukagu irakasle bakoitzeko: hamar ikasle irakasleko», argudiatu du. Mila irakasle gehiagoren kontratazioaz adierazi du pixkanaka hasiko direla ikastetxeetara iristen, ikasturtea hasi ostean. Solaskidetzaren inguruan, Uriartek esan du ikasturte amaieran bildu zela sindikatuekin, eta bilduko dela Eusko Jaurlaritza horiekin, baina data zehatzik eman gabe. «Aintzat hartu behar da zer egoeratan dagoen gobernua, eta denok antolatu».
2020-9-4
https://www.berria.eus/albisteak/186434/otegi-laquoeaj-pseren-eredua-zaharkitua-dago-eta-jite-autoritarioak-dituraquo.htm
Politika
Otegi: «EAJ-PSEren eredua zaharkitua dago eta jite autoritarioak ditu»
EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren ustez, atzo agerian geratu zen «ezkerretik eta burujabetzatik» badagoela «lidergoa».
Otegi: «EAJ-PSEren eredua zaharkitua dago eta jite autoritarioak ditu». EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren ustez, atzo agerian geratu zen «ezkerretik eta burujabetzatik» badagoela «lidergoa».
Atzoko inbestidura saioari buruz mintzatu da Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia Naiz irrati katean, eta bertan esan du «bi eredu» aurrez aurre egon zirela saio horretan. Alde batetik, EAJren eta PSEren eredu «zaharkitua» ikusi zela uste du: «Termino nazionaletan eta gobernantza ereduan zaharkitua da, eta jite autoritarioak ditu». Maddalen Iriarte EH Bilduko hautagaiak, ordea, «eredu alternatiboak» planteatu zituela erakutsi zuen, Otegiren ustez. Bestetik, kritikatu egin du Elkarrekin Podemosen jarrera, hauteskunde kanpainan ezkerreko bloke bat osatzeko aukerak defendatu zituelako, baina atzoko saioan abstenitu egin zelako Iriarteren hautagaitzan. «Iriarte babestuz seinale bat bidaltzen zela esan genien, baina uko egin diote, oraingoz, aukera horri». Hala ere, Otegik uste du «oso argi» geratu dela ezkerretik eta burujabetzatik badagoela alternatiba planteatzen duen «lidergo bat». Otegik azpimarratu duenez, EH Bilduren lehentasunak dira jendearen osasuna, enplegua eta pandemiaren ondorioei aurre egitea, baina, horrekin batera, burujabetzaren eztabaida ere mahai gainean jarri behar dela uste du. «Guk akordioetarako eskua luzatua izango dugu, baina norabidea aldatu nahi baldin bada eta lehentasunak argi baldin badaude», ohartarazi du. Autogobernu alorrean urratsak egiteko garaia dela iritzi dio Otegik, eta dei egin die EAJri eta PSEri euren akordioa aurkezteko: «Guk gurea jarriko dugu mahai gainean, eta gero, jendeak erabaki dezala». Hala ere, EAJk autogobernu lantaldean egingo duenarekin «esperantza handirik ez» duela esan du EH Bilduko buruak. Ortuzar, eskua luzatuta Andoni Ortuzar EAJren EBBko buruak ere hizpide izan du atzoko inbestidura saioa Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan. Azpimarratu du «zintzoa» dela akordioak lortzeko EAJk oposizioari egin dion eskaera, eta eskaintza horri legealdi osoan eutsiko diotela. «Denon ahaleginak eta lana behar ditugu krisitik ateratzeko, eta gu buru-belarri jarriko gara adostasun handienak lortzeko». Oposizioko taldeek atzoko inbestidura saioan egindako diskurtsoak «erretorikoak» izan zirela iritzi dio Ortuzarrek, eta alderdiei eskatu die jarreraz aldatzeko. Bereziki EH Bilduren jarrera kritikatu du EAJko buruak: «Espero dut atzokoa EH Bilduren azken propaganda ekitaldia izatea». EAJren eta PSEren arteko gobernu akordioak autogobernuari buruz jasotzen duen proposamenaz ere galdetu diote Ortuzarri, bi alderdiek desadostasun adostu gisa hitzartu baitituzte estatutu berriari buruzko proposamenak. Iritzi ezberdinak publikoki defendatzeko askatasuna izango dute bi alderdiek, joan den legealdian bezala. Hala ere, Ortuzarrek zehaztu du EAJk «gidatuko» duela estatutu berria aurrera ateratzeko prozesua, eta «bultzada» emango diola Autogobernu Lantaldearen lanari. Gaineratu duenez, EAJk autogobernuaz duen ikuspegia gobernuko beste bazkidearena baino «aurreratuagoa eta handinahiagoa» da, eta gehiago errespetatzen du gizartearen gehiengoaren borondatea.
2020-9-4
https://www.berria.eus/albisteak/186435/txibitek-ez-ditu-espainiako-errege-erreginak-gonbidatu-vianako-printzea-sarira.htm
Gizartea
Txibitek ez ditu Espainiako errege-erreginak gonbidatu Vianako Printzea sarira
Nafarroako lehendakariak azpimarratu du «saria jaso behar duen horrengan» jarri behar dela arreta, eta Uxue Barkosen bideari segitu dio: Espainiako errege-erreginak ez dira izango datorren irailaren 19ko sari banaketan.
Txibitek ez ditu Espainiako errege-erreginak gonbidatu Vianako Printzea sarira. Nafarroako lehendakariak azpimarratu du «saria jaso behar duen horrengan» jarri behar dela arreta, eta Uxue Barkosen bideari segitu dio: Espainiako errege-erreginak ez dira izango datorren irailaren 19ko sari banaketan.
Orain bi egun eman zuen erabakiaren berri Javier Remirez Nafarroako Gobernuko bozeramaileak. Datorren irailaren 19an izango da sari banaketa Erriberrin (Nafarroa) —Carlos Canovas argazkilariak jasoko du—, eta aurreko legealdian Uxue Barkos (Geroa Bai) lehendakari ohiak egin moduan, Maria Txibite (PSN) buru duen gobernuak ere ebatzi du hobe dela Espainiako errege-erreginak ekitaldian ez egotea. Remirezen arabera, errege-erreginak ez gonbidatzearen arrazoia da nahiago dutela ekitaldia saria jaso duenaren bueltan egitea, eta nabarmendu du irabazleari «errekonozimendua» ematea dela lehentasuna. Edonola ere, Espainiako Errege Etxearekin harreman jarraitua dutela azaldu zuen bozeramaileak, eta «leialtasun instituzionala» dietela: «Errege-erreginek Nafarroan presente egoten segituko dute». Epe laburrean Felipe VI.a Berboikoa erregea eta Leticia Ortiz erregina Nafarroara bisitan joateko egunak ixten ari direla ere aurreratu zuen Remirezek. Argazkilaritza bizibide Aurten Carlos Canovasek (Hellin, Espainia, 1951) jasoko du saria. Iruñeko Ateneoak aurkeztu zuen Canovasen hautagaitza, argudiatuta haren ibilbideak «profesional onartu eta miretsia» bihurtu duela, eta Nafarroako eta Espainiako museo eta arte zentroetan erakutsi dituela bere lanak. Hain zuzen ere, Rebeca Esnaola Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol kontseilariak hori bera nabarmendu du gaur eguerdian egindako agerraldian. Canovas Hellinen, Albaceten jaio zen, baina haurra zela lekualdatu zen Iruñera. 1970ean egin zuen bere lehenengo dokumental zinematografikoa, baina 1972tik aurrera argazkilaritzari eman zion lehentasuna.
2020-9-4
https://www.berria.eus/albisteak/186436/agerraldi-bat-detektatu-dute-larresoron.htm
Gizartea
Agerraldi bat detektatu dute Larresoron
Larresoroko besta batzordeko zazpi gazte kutsatu dira. Herriko ostatua hetsi dute, «prebentzioz».
Agerraldi bat detektatu dute Larresoron. Larresoroko besta batzordeko zazpi gazte kutsatu dira. Herriko ostatua hetsi dute, «prebentzioz».
Larresoron (Lapurdi), agerraldi bat atzeman du Eskualdeko Osasun Agentziak. Oraingoz, zazpi gazte kutsatu dira, eta bakartuta daude. Arcachonera (Okzitania) bidaiatu zuten besta batzordeko gazteek, eta baliteke han kutsatu izana. Agentziak gazteekin kontaktuan izan diren pertsonak identifikatu ditu, eta etxeratze agindua eman die. Larresoroko ostatua hesteko erabakia hartu dute jabeek «prebentzio neurri» gisa, eta langile guztiei eginen diete PCR proba. Ipar Euskal Herriko datu zehatzik ez badago ere, 67 kasu ezagutu ziren iragan astean. Atzo, Donibane Lohizuneko (Lapurdi) geriatria zerbitzuan bi kasu atzeman zituzten. Hala, gutxienez 76 dira Iparraldean gaitza duten pertsonak, azken datuen arabera.
2020-9-4
https://www.berria.eus/albisteak/186437/aebetako-polizia-batek-hil-egin-du-trumpen-jarraitzaile-bat-hiltzeagatik-susmagarria-zen-gizona.htm
Mundua
AEBetako polizia batek hil egin du Trumpen jarraitzaile bat hiltzeagatik susmagarria zen gizona
Tirokatu egin dute hura atxilotzen saiatzen ari ziren bitartean.
AEBetako polizia batek hil egin du Trumpen jarraitzaile bat hiltzeagatik susmagarria zen gizona. Tirokatu egin dute hura atxilotzen saiatzen ari ziren bitartean.
AEB Ameriketako Estatu Batuetan Poliziaren indarkeriaren auziak ez du etenik, eta beste hilketa bat jazo zen atzo. Kasu honetan, herrialdeko agente federal batek Donald Trump presidente estatubatuarraren jarraitzaile bat hiltzeagatik susmagarria zen gizona hil du, tiroz, hura atxilotzen saiatzen ari ziren bitartean. The New York Times egunkariaren arabera, Michael Forest Reinoehl da Poliziak hil duen gizona, eta joan den asteburuan Portlanden izandako liskarretan Trumpen jarraitzaile bat hil izana leporatzen zioten. Lacey herrian hil dute, Washingtonen. Justizia Departamentuaren arabera, agenteek adierazi dute Reinoehli tiro egin ziotela hark “pistola bat” zuelako; ikertzaileek oraindik ez dute hori berretsi. Ostegunean Vice News katean argitaratutako elkarrizketa batean, Reinoehlek itxuraz onartu egin zuen berak hil zuela Aaron J. Danielson, Trumpen jarraitzailea eta Patriot Prayer mugimendu ultraeskuineko kidea zena –bi tiro jaso zituen-, adieraziz “ez zuela beste aukerarik”, eta bere buruaren defentsan aritu zela, Danielsonek berari eta bere lagun bati labanaz eraso egin zielako. Istiluak arrazismoaren eta Poliziaren indarkeriaren aurkako protestarien eta Trumpen jarraitzaileen artekoak izan ziren. Reinoehl oraindik ez zuten formalki akusatu Danielsonen hilketagatik, eta gertakaria ikertzen jarraitzen zuela esan zuen atzo Portlandeko Poliziak.
2020-9-4
https://www.berria.eus/albisteak/186438/martin-villa-ezinezkoa-da-trantsizioan-genozidiorik-gertatu-izana.htm
Gizartea
Martin Villa: «Ezinezkoa da trantsizioan genozidiorik gertatu izana»
Ministro ohi frankistak errugabea dela defendatu zuen atzo, Maria Servini epailearen aurrean.
Martin Villa: «Ezinezkoa da trantsizioan genozidiorik gertatu izana». Ministro ohi frankistak errugabea dela defendatu zuen atzo, Maria Servini epailearen aurrean.
Rodolfo Martin Villa diktadurako ministro ohiari deklarazioa hartu zion atzo Maria Servini epaileak, saio telematiko baten bidez, Argentinako enbaxadaren egoitzan. Argentinan frankismoko krimenak ikertzeko abian duen auziaren barruan hartu zion deklarazioa. Martin Villak bere errugabetasuna defendatu zuen, eta trantsizioaren rola goraipatu. Ministro ohiak esan zuen trantsizioa «frankismoaren amaieraren eta demokraziaren arteko zubia» izan zela, eta ukatu egin zuen «genozidiorik» egon zenik. Joan den abuztuaren 25ean, epaileari bidalitako gutun batean, Martin Villak ukatu egin zuen trantsizioan «genozidiorik» egon zela, eta atzo ideia bera berretsi zuen epailearen aurrean; trantsizioa «etaparik onenetako bat» izan zela esan zuen eta «ezinezkoa» dela genozidiorik egotea. Akusazio hori egitea «ikaragarria« dela salatu zuen. Hiru ordu inguru iraun zuen Martin Villaren deklarazioak, eta, albiste agentziek zabaldu dutenez, ministro ohiak esan zuen Argentinako kereila «oinarririk gabekoa» dela. Kereilan jasota dauden akusazioak ukatu zituen, eta nabarmendu 1977an hauteskundeak egin baino lehen preso politiko guztiak kartzelatik atera zirela eta erbesteratuak itzuli egin zirela, eta hori berak eta beste askok trantsizioaren eta 1978ko Konstituzioaren alde egindako «lanari esker» gertatu zela. «Kereilaren bertsioa egia balitz, Adolfo Suarezi ere genozidioa edo gizateriaren aurkako krimenak leporatuko zizkioten, eta ez naiz ausartzen horri buruz iritzi bat ematera». Gaineratu zuen trantsizioan ez zela egon herritarrak beldurrarazteko eta hiltzeko «plan sistematikorik, orokorrik edota planifikaturik». 1976ko Gasteizko sarraskian izandako erantzukizunaz galdekatu zion Servini epaileak, eta Martin Villak aitortu zuen «akats larriak» egin zirela eta polizia batzuek «herritarren eskubideen aurkako jarrera» izan zutela, baina hori ezin dela gizateriaren aurkako krimentzat jo. «Biktimen mina ulertzen dugu, eta erreparazioa behar dute, baina beste kontu bat da Espainiako trantsizioan genozidioa eta gizateriaren aurkako krimenak egon zirela onartzea». Martin Villak aitortu zuen, hala ere, bera ministro zenean poliziek eta guardia zibilek «heriotzaren bat» eragin zutela bere aginduak betetzean, baina berak ez zuela hilketarik agindu: «Nire aginduak eta gobernuarenak egiaztatuz gero, poliziaren ekintzetan inor hiltzea ekiditea helburu genuela ikus daiteke». 1977ko Amnistiaren Aldeko Astean Poliziak hildako bost pertsonen auzian, honako hau adierazi zion ministro ohiak epaileari: «Heriotza horiek ez ziren nahita pentsatutako plan baten ondorio izan». German Rodriguezen hilketari buruz ere galdetu zion epaileak, baina argibiderik ez zuen eman Martin Villak. Hamar egun Orain, Maria Servini epaileak hamar eguneko epea du Martin Villa auzipetu ala haren aurkako prozesua ixten duen erabakitzeko. Gasteizko 1976ko sarraskiagatik, 1978ko Sanferminetako gertakariengatik eta Espainiako indar armatuek 1976 eta 1977 urteen artean hildako beste sei lagunengatik giza hilketaren delitua leporatzen dio Argentinako Justiziak Martin Villari, gizateriaren aurkako krimenaren delitu orokorraren barruan. Eduardo Fachal frankismoko biktimen abokatuak atzo azaldu zuen epaileak auzia artxibatzea erabakiko balu helegitea aurkeztuko luketela: «Prozesu judizial honetan amaieraraino joango gara». Auzipetzeko froga nahikorik ez duela ebatziko balu, Martin Villak inputatuta jarraituko luke eta, kasu horretan, froga gehiago aurkeztuko lituzke biktimen defentsak.
2020-9-4
https://www.berria.eus/albisteak/186439/berriz-halakorik-ez-gertatzea-da-nahi-dudan-gauza-bakarra.htm
Gizartea
"Berriz halakorik ez gertatzea da nahi dudan gauza bakarra"
Zaldibarko zabortegian izandako lur jausiak azpian harrapatu zuen Alberto Sololuze. Haren hezurrak aurkitu izanak aurrera egiten lagunduko diela uste du Nahia alabak.
"Berriz halakorik ez gertatzea da nahi dudan gauza bakarra". Zaldibarko zabortegian izandako lur jausiak azpian harrapatu zuen Alberto Sololuze. Haren hezurrak aurkitu izanak aurrera egiten lagunduko diela uste du Nahia alabak.
Zaldibarko lur jausia izan zenetik sei hilabete igarota zirela, abuztuaren 17an eta 18an, aurkitu zituzten Alberto Sololuzeren hezurrak zabortegi hartan. Hilabeteetako errusiar mendia gelditu den honetan, “ondo” dagoela dio Nahia Sololuzek (Durango, Bizkaia, 1987). Abuztuaren 17an aurkitu zuten zure aitaren hezur bat Zaldibarko zabortegian. Zer sentitu zenuen? Hasieran, ez genekien aurkitu zuten hezurra aitarena zenik, baina nik susmoa banuen. Hezur bat bilatu zutela esan ziguten aurrena, gero pertsona baten hezurra zela. Egia esan, poza sentitu nuen, alde batetik, eta tristura, bestetik. Emozio handiko unea izan zen. Nola jakin zenuen hezur bat aurkitu zutela? Egunero kontaktuan egon garen pertsonak deitu zidan; hark esan zidan hezurra aurkitu zutela. Espero al zenuen halako deirik jasotzerik? Nik ez neukan esperantza galduta; inguruko jende askok eta amak bai, ordea. “Orain dela ehun urteko hezurrak-eta aurkitzen baldin badituzte, zergatik ez dituzte orain dela sei hilabeteko hezurrak topatuko?”, esaten nuen nik. (Jarraitu irakurtzen 'Urola Kostako Hitza'-n)
2020-9-4
https://www.berria.eus/albisteak/186440/ana-urkiza-aurkeztu-da-eusko-ikaskuntzako-lehendakaritarako.htm
Gizartea
Ana Urkiza aurkeztu da Eusko Ikaskuntzako lehendakaritarako
Azken zortzi urteetan Iñaki Dorronsorok izan du lehendakaritza, eta ez du jarraituko. Hilaren 19an egingo du batzar nagusia Eusko Ikaskuntzak.
Ana Urkiza aurkeztu da Eusko Ikaskuntzako lehendakaritarako. Azken zortzi urteetan Iñaki Dorronsorok izan du lehendakaritza, eta ez du jarraituko. Hilaren 19an egingo du batzar nagusia Eusko Ikaskuntzak.
Aldaketa dator Eusko Ikaskuntzara: Iñaki Dorronsorok ez du lehendakari karguan jarraituko, eta Ana Urkiza (Ondarroa, Bizkaia, 1969) aurkeztuko da hautagai gisa. Harekin batera, beste bost lagun aurkeztuko dira Kontseilu Errektoreko kide izateko: Ipar Euskal Herritik, Eguzki Urteaga EHUko irakaslea; Nafarroatik, Isabel Elizalde, gobernuko kontseilari ohia; Bizkaitik, Zelai Nikolas, legelaria eta Gure Esku-ko bozeramaile ohia; Gipuzkoatik, Manu Olariaga, ingeniaria; eta Arabatik, Asier Etxenike, soziologoa eta Aztikerreko arduraduna. Idazle gisa ibilbide luzea egindakoa da Urkiza, eta euskalgintzaren arloan ere bai. Besteak beste, 2016an Elhuyar saria jaso zuen, enpresetan euskara bultzatzen egindako lanagatik. Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Aholku Batzordeko kide ere bada 2000tik. Euskal Idazleen Elkarteko idazkari kudeatzaile izan zen.Gizarte eta Informazio Zientzietako lizentziaduna da, eta Linguistikan diplomatua. Bankoan daramatza azken urteak; besteak beste, barne komunikazioan, formakuntzan eta giza baliabideen arloan aritu da Bankoan. Eusko Ikaskuntzak irailaren 19an egingo du batzar nagusia, eta bertan egingo dute bozketa. Osasun egoera ikusita, modua jarri dute batzarrean online parte hartzeko, baita botoa delegazio bidez emateko ere.
2020-9-4
https://www.berria.eus/albisteak/186441/baliteke-ebk-azarorako-izatea-lehen-txertoa.htm
Gizartea
Baliteke EBk azarorako izatea lehen txertoa
Kontratu bat du AstraZeneca Erresuma Batuko laborategiarekin, 300 milioi dosi eskuratzeko.
Baliteke EBk azarorako izatea lehen txertoa. Kontratu bat du AstraZeneca Erresuma Batuko laborategiarekin, 300 milioi dosi eskuratzeko.
Baliteke urtea amaitu aurretik lehen txertoa izatea EB Europako Batasuneko herrialdeek. AstraZeneca laborategiarekin kontratu bat sinatu du Bruselak, eta, iragarpenen arabera, baliteke azarorako izatea lehen dosiak: 30 milioi inguru. Erresuma Batuko laborategia Oxfordeko Unibertsitatearekin ari da elkarlanean, eta, guztira, 300 milioi dosi eskuratzea adostu du Europar Batasunarekin. Txertoa bigarren eta hirugarren faseen artean dago, eta aurreko faseko emaitzak «itxaropentsuak» izan ziren. Dosi horiek EBko herrialde guztien artean banatuko dira, biztanle kopuruaren arabera. Izan ere, herrialde guztiek egin dute bat Bruselak eginiko akordioarekin. Helburua, orain, txertoa herrialde guztietara aldi berean eta prezio berean heltzea da. «Ahalegin kolektiboa da, eta banaketa bidezkoa izango da», azaldu dute Bruselako iturriek. Era berean, Europako Batzordea beste bost laborategirekin akordioak itxi nahian dabil; besteak beste, Sanofi, Curevac eta Modernarekin. Batzordeak nabarmendu du «oso garrantzitsua» dela merkaturatzen diren lehen txertoak eskuratzea, konfinamenduak «oso garestiak» baitira Europarentzat. Europako Batasuna osatzen duten herrialdeei dagokie txertoak nola banatuko diren erabakitzea, baina, lehen urrats «egokia», biztanleen %30a txertatzea izango litzateke Bruselarentzat.
2020-9-4
https://www.berria.eus/albisteak/186442/bankia-eta-caixabank-espainiako-banku-handiena-egiteko-negoziatzen-hasi-dira.htm
Ekonomia
Bankia eta Caixabank Espainiako banku handiena egiteko negoziatzen hasi dira
Kataluniako eta Madrilgo finantza entitateek CNMVri esan diote bat egiteko negoziazioak hasi dituztela. Operazio hori azken hogei urteetako bat egite handiena litzateke Espainiako banku sisteman
Bankia eta Caixabank Espainiako banku handiena egiteko negoziatzen hasi dira. Kataluniako eta Madrilgo finantza entitateek CNMVri esan diote bat egiteko negoziazioak hasi dituztela. Operazio hori azken hogei urteetako bat egite handiena litzateke Espainiako banku sisteman
Caixabank eta Bankiaren balizko bat egiteak Espainiako erreskate funtsari (Frob) eragingo lioke, Bankiaren %61,8 estatuarena baita. Edonola ere, banku sistemaren lau entitate handienetako bik egin nahi dute operazioa, eta horren emaitza azken hogei urteotako operaziorik handiena litzateke, bien artean 664.027 milioi euroko aktiboak elkartuko lirateke eta: Kataluniako bankuak 445.572 milioi euroko negozioa dauka, eta Bankiak, 218.455 milioikoa. Interes tasak lur azpian daudela eta Europako agintaritza bat egiteak sustatzen ari dela jakinarazi dituzte negoziazioak banku biek. Urteko lehen seihilekoari dagozkion zenbakiak aintzat hartuz, CaixaBankek 35.589 langile ditu, 4.460 bulegotan, eta Bankiak, 15.947 langile eta 2.267 bulego. Ez dute jakinarazi banku berriaren akzioen egitura nola geratuko litzatekeen, baina Caixabank da alde sendoa, eta hura litzateke lehen akzioduna, jakina. Ezin da ahaztu, gainera, Bankiaren ia %62 Espainiako Estatuarena dela, Rodrigo Ratok zuzendu zuen hainbat kutxaren bat egitea erreskatatu eta gero. Bankiak 142 milioi euro irabazi ditu 2020ko lehen erdian (%64,4 gehiago) eta 310 milioi euroko hornidurak egin ditu pandemiaren krisiari aurre egiteko. Caixabankek, berriz, 205 milioiko irabaziak jakinarazi ditu, %67 gutxiago, eta 1.155 milioi euro horniduretara bideratu ditu koronabirusa dela eta. Caixabank Nafarroako banku indartsuena da, eta Hego Euskal Herri osoan presentzia handia dauka. Bankiaren historia beltza Bankia 2010eko uztailean jaio zen, krisi ekonomikoak hondoratutako zazpi kutxa elkartu ondoren: Caja Madrid, Bancaja, Caja Canarias, Caja Avila, Caixa Laietana, Caja Segovia eta Caja Rioja. Babeserako Sistema Instituzionala sortu zutela helarazi zuten kutxa horietako zuzendaritzek. Handik gutxira, erakunde bakar gisa ematen hasi ziren emaitzak, eta administrazio kontseilu berri bat eratu zuten. Caja Madridek eta Bancajak 17 kontseilari izendatu zituzten 21eko mahaian. Gero, Bankia marka iritsi zen, 2010eko hondarrean sortutako BFAri lekukoa hartuta. Bankia sortuta zegoen, eta Espainiako banku sistemaren barruan egon den eskandalu handienak libre zuen bidea. 2011ko uztailean burtsara atera zuten, Rodrigo Rato PPko goi agintari ohiak kanpaia jotzen zuela Madrilgo Burtsan, Bankiako presidente gisa. 360.000 inbertitzaile erakarri zuen operazio horrek, eta handik gutxira Bankia ustelduta zegoela ikusi ahal izan zuten inbertitzaile horiek, ezer askorik balio ez zuten aktibo toxikoz josita. Epaiaren zain Ratoren administrazio kontseiluaren kontu makilatuek ezin izan zioten luzaroan eutsi gezurrari, eta inbertitzaileen demanden arrosarioa hasi zen epaitegietan. Atzeraldi Handiaren adar finantzarioak ez zuen su-etenik ematen 2012. urte hartan, eta, eskandaluaren gordinean, Mariano Rajoyren gobernua iritsi zen, erreskatearekin. Maiatzean BFAren %100 erosi zuen estatuak, eta Bankiako lehen akzioduna bihurtu zen. Egun horretan eman zuen dimisioa Rodrigo Ratok, eta Jose Ignacio Goirigolzarriri bidea ireki zion. BBVAko kontseilari ordezkari gisa ibilbide oparoa zuen hark, eta Bankiaren aktibo onenekin bankuari zutik eusteko enkargua jaso zuen Madrildik. Gauzak horrela, 2012 eta 2013 artean, BFA-Bankiak 17.959 milioi euroko laguntza publikoak jaso zituen; 2010ean beste 4.465 milioi jasota zegoen Madrilgo erakundea. Hala, guztira, 22.424 milioi euro publiko jaso zituen Bankiak, betiere bankuak berak emandako datuen arabera. Erreskate publikoa, burtsaratzea kontuak faltsutu ondoren, Black txartelak... Bankia eskandalu iturri izan da urte askoan, eta Goirigolzarrik lema hartu ondoren beste norabide bat hartzen saiatu da, betiere Espainiak haren eta beste hainbaten aktibo toxikoak Sarebeko banku txarrean pilatu ondoren. Bien bitartean, egunotan espero da Bankia auziaren epaia. Espainiako bankuen eskandalu sorta zabalaren barruan handienarena, alegia. Rodrigo Ratok eta beste hainbat zuzendarik urteetako kartzela zigorrak dituzte jokoan, eta epai hori iristear dagoenean hasi dira Caixabak eta Bankia bat egiteko negoziazioak.
2020-9-4
https://www.berria.eus/albisteak/186443/kasuek-gora-egin-dute-azken-orduetan-hego-euskal-herrian.htm
Gizartea
Kasuek gora egin dute azken orduetan Hego Euskal Herrian
Beste 871 positibo atzeman dituzte, bezperan baino 155 gehiago.
Kasuek gora egin dute azken orduetan Hego Euskal Herrian. Beste 871 positibo atzeman dituzte, bezperan baino 155 gehiago.
Azken orduetan, 11.909 PCR proba egin dituzte Hego Euskal Herrian, eta horietatik 863 positiboak izan dira. Asteon kasuak baretzen ari zirela zirudien arren, gora egin dute azken orduetan: bezperan baino 155 positibo gehiago izan dira. Positiboen portzentajeak ere gora egin du, gainera: egin diren proben %7,31 izan dira positiboak, atzo %6,5 izan ziren. Herrialde guztietan igarri da gorakada, Bizkaian izan ezik. Bertako datuak bezperakoen pare daude: 357 kasu atzeman dituzte, hiru gutxiago. Gipuzkoan, 271 kasuren berri eman dute, eta atzo 165 izan ziren. Nafarroan 166 izan dira kasuak, atzo baino 55 gehiago. Alderik nabarmenena Araban izan da: 122 kasu atzeman dituzte azken orduetan, bezperan halako bi (53). Erkidegotik kanpo bizi diren bederatzi pertsona ere kutsatu direla jakinarazi du Jaurlaritzak. Era beran, 59 pertsona erietxeratu dituzte gaitzaren ondorioz, eta, oro har, Hego Euskal Herriko ospitaleetan 393 gaixo daude. Horietatik 58, zainketa intentsiboetarako unitateetan. Santos Indurain Nafarroako Osasun kontseilariak ohartarazi du Nafarroako kasuen %65 Iruñerrian atzeman dituztela, eta "deigarria" dela zenbat ugaritu diren kutsatzeak gazteen artean. Osasun Saila egoera epidemiologikoa "aztertzen eta baloratzen" ari dira "une oro", eta, bilakaeraren arabera, kontseilariak ez du baztertzen nolabaiteko neurriak ezartzea. Halaber, gogorarazi du kutsatze gehienak familia giroan eta lagun artean izaten direla. Horregatik, taldeak murrizteko, maskara erabiltzeko, distantziak mantentzeko eta eskuak garbitzeko eskatu die herritarrei Indurainek. Ardura "kolektiboa" dela nabarmendu du: "Egoera honetan baldin bagaude, gauzak ez ditugu guztiz ondo egin". 600 lagun testa egiteko prest Leitzan Egunotan kasuak nabarmen ugaritu direla eta, PCR probak egingo dizkiete hamabost urtetik gorako herritar guztiei Leitzan. Bihar hasiko dira testak egiten, kiroldegian, eta dagoeneko 600 pertsonak hartu dute txanda. Guztira, 2.500 lagun inguru deitu dituzte proba egitera. Indurainek azaldu du Leitzako tasa "oso garrantzitsua" dela oraintxe: 100.000 biztanleko 1.000 lagun kutsatzen dira han. "Nafarroa osoko tasa gainditzen du luzez, baita tasarik altuenak dituzten herri eta osasun eremuetakoak ere". Kontseilariak Leitzako Udalaren lankidetza nabarmendu du prentsaurrekoan. Leitzaz gain, beste bi tokitan ere proba masiboak egiten ari dira osasun langileak une hauetan. Mungian (Bizkaia) 530 test egin dizkiete herriko taberna batean izan ziren pertsonei, eta hamabost kasu detektatu dituzte oraingoz. Oraindik 125 probaren emaitzak falta dira jakiteko. Bestalde, Irungo (Gipuzkoa) Ficoba eraikineko instalazioetan ehunka test egin dizkiete Gaztelumendi tabernan izan zirenei. Orain arte 769 test egin dituzte, eta positibo bakarra atzeman dute, 37 testen emaitza jakitea falta den arren. Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi du hemendik aurrera probak Bidasoako ospitalean egingo dituztela eta norberak bere osasun etxera deitu beharko duela ordua hartzeko.
2020-9-4
https://www.berria.eus/albisteak/186444/hasi-da-ezohiko-ikasturtea-nafarroan.htm
Gizartea
Hasi da ezohiko ikasturtea Nafarroan
Sei urtetik gorakoek maskara jantzita, eta eskolak goizez soilik direla hasi dute gaur ikasturtea milaka haur eta nerabek. 47 milioi euroko inbertsioa aurreikusi du gobernuak, koronabirusak sortutako egoerara egokitzeko. Besteak beste, 666 irakasle gehiago kontratatu dituzte.
Hasi da ezohiko ikasturtea Nafarroan. Sei urtetik gorakoek maskara jantzita, eta eskolak goizez soilik direla hasi dute gaur ikasturtea milaka haur eta nerabek. 47 milioi euroko inbertsioa aurreikusi du gobernuak, koronabirusak sortutako egoerara egokitzeko. Besteak beste, 666 irakasle gehiago kontratatu dituzte.
Ez besarkadarik, ezta gurasoen azken bultzadarik eskola aurrean. Maskara jantzita eta ahalik eta modurik antolatuenean egin dute eskolako sartzea milaka haurrek gaur goizean, Nafarroan. Koronabirusaren ondorioz, martxo erdialdean eten ziren aurrez-aurreko saioak, eta, sei hilabeteren ostean, itzulera ez da arrunta izan. Sei urtetik gorako haurrek maskara jantzi behar dute derrigor —txikiagoek gelan ez, baina gune amankomunetan jantzita eraman behar dute—, baita irakasleek ere. Distantziak errespetatzea, zuzeneko kontakturik ez edukitzea... Ez da erronka txikia, baina hezkuntza zentroak jarri dira martxan, eta Nafarroako Gobernuak heziketaguneekin osatutako protokoloa abian da. Horretarako, 47 milioi euroko inbertsioa aurreikusi du gobernuak. Nafarroako Gobernuak aurreratu zuen hainbat baliabide emango zituela, egoera errazago kudeatu ahal izateko. Besteak beste, 666 irakasle, jantokietarako 200 bat langile gehiago eta garbitzaileen errefortzuak iragarri zituen joan den astean. Gainera, lau egoera epidemiologiko diferenteren araberako planak ere osatu dituzte, eta jakinarazi dute ausazko PCR probak egingo dituztela datorren astean, egoera nolakoa den ikusi ahal izateko. Uxue Rey BERRIAko kazetaria Leitzan izan da, ikasturte hasierako bilera batean. Ikasturteari ekiteko, neurri zehatzak ere proposatu dituzte: Haur Hezkuntzako taldeetako jende kopurua gutxitu dute —hogei haur soilik elkartu ahal izango dira—, baina ez dituzte beste ratioak aldatu. Gainera, irailean egin moduan, urte osoan eskola jarraituak ematea hobetsi dute. Eskolak ixtekotan, baliabide teknologiko gehiago emango dituela iragarri zuen Maria Txibiteren gobernuak: 9.000 ordenagailu, mila kamera eta 500 tablet. Kurtso hasierako protestak Halere, hezkuntza komunitatean ezinegona sortu du ikasturte hasierak, eta, herenegun, protesta egin zuten hezkuntzako langileek "segurtasun bermeen" alde. LAB, Steilas, Afapna, ANPE, CCOO, ELA, UGT, SEPNA eta CSIF sindikatuetako kideek, hezkuntza komunitateko beste hainbat eragilerekin batera, salatu zuten "ziurgabetasun" egoera batean daudela, eta ikasturterako babes neurriak eskatu zizkioten Nafarroako Gobernuari: "Ikasturte osorako itzulera itundu, seguru eta presentziala" eskatu dute han. Hain justu, Burlatako Askatasuna institutuko irakasleek prentsaurrekoa egin dute gaur, Hezkuntza Departamentuari adierazteko egun dauden baldintzak ez direla egokiak lan pedagogikoa egiteko, ezta osasunerako ere. Besteak beste, salatu dute Nafarroako Gobernuak ez diela aukerarik eman "ispilu gelak" osatzeko. Hau da, ez dutela baliabiderik eskolako gelak bitan zatitzeko eta kutsadura komunitarioak saihesteko. Gainera, LAB sindikatuak salatu du jantokietako langileen kontratazioa ez dela oraindik egin, eta deitoratu du Nafarroako Gobernuak ez duela sustatu haurrak jantokietan gelditu ahal izatea —hortaz, baldintza okerragoetan eta murrizketen esperoan dira langileak, sindikatuaren ustez—: "Hezkuntza Departamentuak, zerbitzu hori bermatu eta jantokiak sustatu beharrean, ikastetxearen eta hezkuntza proiektuaren parte direla kontuan hartuta, haiek ezabatu nahi ditu". Jantokietako matrikulazioak %40 egin du behera LABen esanetan, eta hori lanaldi jarraituari dagokiola nabarmendu dute sindikatuko kideek. Nafarroako Gobernuari eskatu diote "enplegua suntsitzeko neurri horiek" atzera botatzeko.
2020-9-4
https://www.berria.eus/albisteak/186445/nafarroako-auzitegi-nagusiak-ez-du-onartu-mendigorriko-haurrak-d-ereduan-hastea.htm
Gizartea
Nafarroako Auzitegi Nagusiak ez du onartu Mendigorriko haurrak D ereduan hastea
D eredua jartzearen alde auzibidea hasi zuten uztailean gurasoek, eta kautelazko neurri gisa eskatu zuten ikasturte honetan haurrek D ereduan hasteko aukera izan zezatela: auzitegiak ez du eskaera onartu. Gurasoen «nahi eta borondatearen aurka», haurrek Mendigorriko A ereduan edo Garesko D ereduan hasi beharko dute ikasturtea.
Nafarroako Auzitegi Nagusiak ez du onartu Mendigorriko haurrak D ereduan hastea. D eredua jartzearen alde auzibidea hasi zuten uztailean gurasoek, eta kautelazko neurri gisa eskatu zuten ikasturte honetan haurrek D ereduan hasteko aukera izan zezatela: auzitegiak ez du eskaera onartu. Gurasoen «nahi eta borondatearen aurka», haurrek Mendigorriko A ereduan edo Garesko D ereduan hasi beharko dute ikasturtea.
Nafarroako Gobernuaren ezezkoa ikusita, Mendigorriko gurasoek D eredua ezartzearen aldeko auzibidea zabaldu zuten uztailean. Kautelazko neurri gisa eskatu zuten 2020-2021 ikasturterako D ereduan hasi ahal izan zitezela haurrak Mendigorriko Julian Maria Espinal Olcoz ikastetxean. Hizkuntz Eskubideen Behatokiak jakinarazi duenez, ordea, Nafarroako Auzitegi Nagusiak ez du onartu kautelazko neurriaren eskaera. Mendigorriko gurasoek, beraz, «euren nahiaren eta borondatearen aurka» hartu beharko dute haurrak eskolatzeko «erabakia»: herrian gelditu nahi badute, A ereduan matrikulatu beharko dituzte haurrak, eta, D ereduaren alde eginez gero, Garesera joan beharko dute. Behatokiaren ustez, «bi aukera horiek ez dituzte asetzen Mendigorriko familiek adierazitako nahiak». Bi aukerek dakartzate «ondorio kaltegarriak», Behatokiaren ustez: ingurune sozialetik «ateratzen» ditu Garesera joateak, eta Mendigorriko A ereduan ikasteak, berriz, «euskararekin kontaktua izan ahalko zuten gune bakarra» ukatzen die. Behatokiak jakinarazi du, halere, bide judizialak aurrera jarraitzen duela, eta Nafarroako Auzitegi Nagusiaren esku dagoela azken epaia. «Ezezko honek ez du Mendigorrian D eredua ezartzearen prozedura ixten. Auzia hasi besterik ez da egin, eta, ondorioz, auziaren mamiaren inguruko epairik ez da eman, oraindik ez baita epaiketa gauzatu», adierazi du Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak. Gaubekak azaldu du auzitegiak «prozedura kontuengatik» ez duela onartu kautelazko neurriak hartzea. Epaiketaren zain gelditu beharko dute haur eta gurasoek, beraz: «Mendigorriko D ereduarekin Hezkuntza Departamentuak erabakitakoa legezkoa izan zen edo ez erabakitzea Nafarroako Auzitegi Nagusiaren esku dago». Gabezien erakusle Gaubekak salatu duenez, «Nafarroako hizkuntza eskubideak bermatu beharko lituzkeen araudiak dituen gabezien erakusle» da Mendigorrikoa. Haren ustez, «egungo marko juridikotik haragokoa» da afera, «Nafarroako egungo araudiak ez baititu behar bezala bermatzen euskaraz ikasi eta bizi nahi duten pertsonen eskubideak». Nafarroako Gobernuak herritarren eskubideak baztertu eta interesen araberako jokaera duela gaitzetsi du Behatokiko zuzendariak: «Herritarren hizkuntz eskubideak bermatzeko zaintzaile izan beharko luke, baina hainbat departamentutan hartzen diren neurri eta erabakiek herritarren hizkuntz eskubideak bestelako interesen azpian jartzen dituzte». Horren «adierazle» da, Gaubekaren ustez, Hezkuntza Departamentuaren jarrera: «Euskara sustatu eta beharrezko ekitate neurriak hartu beharrean, Nafarroako euskararen biziberritzean oztopoak jartzen ari da».
2020-9-4
https://www.berria.eus/albisteak/186446/nafarroan-martxan-da-covid-19ko-positiboak-atzemateko-aplikazioa.htm
Gizartea
Nafarroan martxan da COVID-19ko positiboak atzemateko aplikazioa
Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak ezagutarazi du RadarCovid aplikazioa. Bluetooth bidezko erregistroekin funtzionatuko du, baina, "erabilgarria" izateko, herritarren "kolaborazioa" eskatu du Indurainek. Oraingoz soilik gaztelaniaz erabili ahal izango da.
Nafarroan martxan da COVID-19ko positiboak atzemateko aplikazioa. Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak ezagutarazi du RadarCovid aplikazioa. Bluetooth bidezko erregistroekin funtzionatuko du, baina, "erabilgarria" izateko, herritarren "kolaborazioa" eskatu du Indurainek. Oraingoz soilik gaztelaniaz erabili ahal izango da.
Heldu da koronabirusaz kutsatutakoak atzemateko eta erregistratzeko aplikazioa Nafarrora. Datorren astelehenean jarriko dute erabilgarri herritar guztientzat, baina gaur ezagutarazi du Santos Indurain Nafarroako Osasun kontseilariak. Telefono arteko harremana da programak detektatuko duena, bluethooth bidez, eta, horregatik, herritarren "kolaborazioa" eskatu du kontseilariak. Aplikazioa sakelekoan deskargatu, eta, ondoren, ahalbidetu egin behar da: "Keinu txiki batek asko erraztu dezake prozesua", azpimarratu du Indurainek. RadarCoviden xehetasunak ere eman ditu Juan Cruz Cigudosa Unibertsitate, Berrikuntza eta Transformazio Digitaleko kontseilariak prentsaurrekoan, eta nabarmendu du aplikaizoa "osagarri" bat izango dela. Ez du identifikazio pertsonalik eskatzen, eta, hortaz, inork ez du edukiko aplikazioa duten horien informaziorik: "Erabiltzaielen anonimotasuna bermatzen du. Ez osasun profesionalek eta ez gobernuak ez dute izango datu horien berri". Are gehiago, aurreratu duenez, alerta jasotzen duen pertsonak ez du jakingo inguruan izandako noren kontaktua izan den. PCRan positibo emanez gero osasun zerbitzuetan jakinarazi behar dela azaldu du Cigudosak, eta aplikazioa ote duen galdetuko diote bertan. Hala izanez gero, bluetooth bidez erregistratuta gelditu diren bere kontaktuei jakinarazpena bidaliko diete —bi metro baino gutxiagoko tartean eta 15 minutuz, gutxienez—. Atzemate prozesua eraginkorra izan dadin, gutxienez herritarren %10ek deskargatuta eduki beharko lukete programa. Euskarazko bertsiorik ez Oraingoz, aplikazioa gaztelaniaz eskuratzeko aukera soilik dago, baina prentsaurrekoan azaldu dute datozen egunetan euskaraz eta beste zenbait hizkuntzatan deskargatzeko aukera izango dela.
2020-9-4
https://www.berria.eus/albisteak/186447/laquobizi-zantzuakraquo-atzeman-dituzte-beiruteko-eraikin-bateko-hondakinen-artean-leherketa-izan-eta-hilabetera.htm
Mundua
«Bizi zantzuak» atzeman dituzte Beiruteko eraikin bateko hondakinen artean, leherketa izan eta hilabetera
Haur bat izan daitekeen ustea du Txileko erreskate talde batek. Haren bihotz taupadak eta arnasketa zantzuak detektatu dituzte eskaner baten bitartez.
«Bizi zantzuak» atzeman dituzte Beiruteko eraikin bateko hondakinen artean, leherketa izan eta hilabetera. Haur bat izan daitekeen ustea du Txileko erreskate talde batek. Haren bihotz taupadak eta arnasketa zantzuak detektatu dituzte eskaner baten bitartez.
Txileko erreskate talde batek aditzera eman du «bizi zantzuak» atzeman dituela duela hilabete Beiruten jazo zen leherketagatik erori zen eraikin bateko hondakinen azpian. Erreskate taldeko kide batek Al Jazzera hedabideari esan dionez, eskaneatzeko erabiltzen duten makina baten bitartez bihotz taupaden eta arnasketaren —hemezortzi arnasaldi minutuko— zantzuak detektatu dituzte eraikineko beheko solairuan. Dena den, zuhur jokatzen ari dira. «Itxaropen txikiaizan nahi ditugu. Baten bat erreskatatuko bagenu, miraria izango litzateke». Atzo hasi zuten erreskatea, baina iluntzerako bertan behera utzi zituzten lanak, garabirik ez zutelako eta eraikin osoa erortzeko beldur zirelako. Hala eta guztiz ere, inguruan zeuden zenbait herritarrek euren gain hartu zituzten erreskate lanak, eta bilaketari berrekin zioten. Handik gutxira batu zen Txileko erreskate taldea bilaketa horretara. Halako batean, taldeko zakurrak hondakinen artean pertsona bat bizirik zegoen seinalea eman zuen. Orduan, erreskate taldeak eskanerra erabili zuen hondakinen azpian zegoen pertsona bizirik ote zegoen jakiteko. Baieztapenaren ondoren, zulaketa lanei ekin diete. Bestalde, hondakin horien artean gorpu bat ere topatu dutela jakinarazi dute. Leherketa ikusgarri batek dardarka jarri zuen Beirut abuztuaren 4an. Libanoko hiriburuko portuko lehergailu biltegi batek su hartu, eta horrek eragindako leherketa hainbat kilometrora ere sumatu zuten. Gutxienez 200 hildako eta 6.000 zauritu baino gehiago eragin zituen. Hilabete geroago, Libanoko armadak jakinarazi du 4,35 tona nitrato amoniako aurkitu dituela portuko sarreratik gertu. Ikerketa zabaldu dute inguruan substantzia kimiko arriskutsu gehiago ote dagoen jakiteko.
2020-9-4
https://www.berria.eus/albisteak/186448/madrilek-debekatu-egingo-du-bezeroen-arretarako-tarifikazio-bereziko-zenbakiak-erabiltzea.htm
Gizartea
Madrilek debekatu egingo du bezeroen arretarako tarifikazio bereziko zenbakiak erabiltzea
Espainiako Gobernuko Kontsumo Ministerioak legea aldatzeko asmoa du 902 zenbakiak direlakoak debekatzeko.
Madrilek debekatu egingo du bezeroen arretarako tarifikazio bereziko zenbakiak erabiltzea. Espainiako Gobernuko Kontsumo Ministerioak legea aldatzeko asmoa du 902 zenbakiak direlakoak debekatzeko.
Bezeroen arretarako erabili ohi diren tarifikazio bereziko telefono zenbakiak —902 esaten zaie— debekatuko ditu Espainiako Gobernuko Kontsumo Ministerioak. «Ezin dira izan kontsumitzaileentzako kostu bat eta enpresa gutxi batzuentzako negozio bat». Horretarako, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Defentsarako Lege Orokorraren 21. artikulua aldatu beharko dute. Halere, Kontsumo Ministerioak gogorarazi du legez enpresek oinarrizko tarifa baino kostu handiagoa ez duen bezeroen arretarako telefonoa eduki behar dutela. Ohi baino garestiagoa izaten da 902 bezala ezagunak diren telefono zenbakietara deitzea, batez ere eskuko telefonoetatik egiten bada.
2020-9-4
https://www.berria.eus/albisteak/186449/silvio-berlusconi-ospitaleratu-egin-dute-koronabirusagatik.htm
Mundua
Silvio Berlusconi ospitaleratu egin dute koronabirusagatik
Herenegun eman zuen positibo, baina haren osasunak okerrera egin du.
Silvio Berlusconi ospitaleratu egin dute koronabirusagatik. Herenegun eman zuen positibo, baina haren osasunak okerrera egin du.
Silvio Berlusconi Italiako lehen ministro ohia Milaneko erietxe batera eraman zuten atzo gauean, koronabirusaren proban positibo eman eta haren egoerak okerrena egin ostean. Haren medikuak jakinarazi zuenez, “badaezpada” ospitaleratu dute. “Haren osasun egoera ez da kezkagarria”, gaineratu zuen. Italiako hainbat hedabidek zabaldu dutenez, aldebiko pneumonia du. Atzo –ospitaleratu aurretik–, Berlusconik adierazi zuen ondo zegoela eta lanean jarraituko zuela. “Ondo nagoela ziurtatu nahi dut. Ni ere, italiar asko bezala, COVID-19aren kutsatzearen biktima izan naiz. Ez dut inoiz gutxietsi gaixotasun horren garrantzia, ezta dituen arriskuak ere, eta, ondorioz, osasun publikoa babesteko neurri zorrotzagoak behar dira”, idatzi zuen bere Twitter kontuan. Haren osasunak, ordea, okerrera egin zuen gaualdean, eta Milaneko San Raffaele ospitalera eraman zuten. Oraingoz, ez dute ZIU zainketa intentsiboetako unitatera sartu beharrik izan, baina, kontuan hartuta zer adin (83 urte) eta zer osasun aurrekari dituen, kezka adierazi dute haren ingurukoek.