date
stringdate
2012-09-20 00:00:00
2023-12-01 00:00:00
url
stringlengths
47
182
category
stringclasses
10 values
title
stringlengths
3
140
subtitle
stringlengths
0
1.17k
summary
stringlengths
5
1.18k
text
stringlengths
2
35.8k
2020-8-25
https://www.berria.eus/albisteak/186009/beste-zazpi-kasu-atzeman-dituzte-zuiako-zahar-etxe-batean.htm
Gizartea
Beste zazpi kasu atzeman dituzte Zuiako zahar etxe batean
Sei egoiliar eta langile bat kutsatu dira.
Beste zazpi kasu atzeman dituzte Zuiako zahar etxe batean. Sei egoiliar eta langile bat kutsatu dira.
Zuiako (Araba) zahar etxe bateko agerraldiak hazi eta hazi ari dira. Prebentziorako egiten diren PCR probetan zenbait kasu detektatu zituzten iragan astean etxe horretan, eta, bigarren proba egitean, kasu gehiago azaldu dira. Arabako Foru Aldundiak jakinarazi du sei egoiliarrek eta langile batek positibo eman dutela testean. Beraz, oraintxe, zahar etxe horretako 25 egoiliar daude kutsaturik: guztiak «egonkor» daudela azaldu du Diputazioak, batzuk sintoma arinak dituzten arren. Gaitza duten egoiliarrak bakarturik daude zentroan bertan. Birusa gogor sartu da zahar etxeetara azken asteetan. Araban, Gipuzkoan eta Nafarroan, oraingoz, zentro bakar batean atzeman dituzte kasuak; Bizkaian, aldiz, lau zentrori eraso die dagoeneko gaitzak. Beste datu kezkagarri bat ere ekarri du zahar etxeetara COVID-19ak: bost egoiliar hil dira azken egunetan; lau Bizkaian eta bat Gipuzkoan. Agintariek jakinarazi dutenez, ehundik gora egoiliar daude kutsaturik orain Hego Euskal Herrian: 148, hain zuzen ere.
2020-8-25
https://www.berria.eus/albisteak/186010/arzak-since-1897-filmak-irekiko-du-aurtengo-culinary-zinema-saila.htm
Kultura
'Arzak Since 1897' filmak irekiko du aurtengo Culinary Zinema saila
Lau ekoizpenek osatuko dute zinema eta gastronomia lotzen dituen atala, eta film guztiak estreinakoz ikusi ahalko dira nazioartean.
'Arzak Since 1897' filmak irekiko du aurtengo Culinary Zinema saila. Lau ekoizpenek osatuko dute zinema eta gastronomia lotzen dituen atala, eta film guztiak estreinakoz ikusi ahalko dira nazioartean.
Donostiako Zinemaldiak Culinary Zinema saila osatuko duten filmen berri eman du goizean. Guztira, lau ekoizpen erakutsiko dituzte, eta nazioartean lehen aldiz ikusi ahal izango dira. Arzak Since 1897 filmak irekiko du saila. Asier Altunak (Bergara, Gipuzkoa, 1969) Arzak jatetxeari buruz egindako dokumentala da. Juan Mari eta Elena Arzak ditu protagonista, eta jatetxeak egindako aldaketak eta urteetan izandako bilakaera azaltzen ditu. Altunak behin baino gehiagotan hartu du parte jaialdian: 2015ean, Sail Ofizialean aritu zen lehian Amama filmarekin; 2011n, Bertsolari lehiaketaz kanpo aurkeztu zuen, Zuzendari Berriak sailean; eta Euskal Zinemaren Galan, Aupa, Etxebeste! eta Agur, Etxebeste! aurkeztu zituen, Telmo Esnalekin batera. Angel Parrak (Madril, 1978) Camí lliure filma aurkeztuko du sail berean. Drogarekin mendekotasun arazoak izan zituen Raul Balam sukaldariaren istorioa kontatzen du lanak. Protagonistak, bere ama Carme Ruscalledaren jatetxe ospetsua zuzentzeko eskaintzari uko egin, eta bere bide propioa egitea erabakiko du. Parrak badu eskarmentua gastronomiari buruzko zineman; izan ere, 2017an, Soul zuzendu zuen, Eneko Atxa eta Jino Ono sukaldariei buruzko dokumentala. Carlos Bernacerren (Palma, Herrialde Katalanak, 1978) La receta del equilibrio filma ere erakutsiko da Culinary Zinema sailean. Ricard Camarena sukaldaria du protagonista pelikulak, eta berrogeialdiaren ondoren sukaldariak bere jatetxeak berriro irekitzeko izandako erronka azaltzen du. Sailean ikusi ahalko den beste lana, berriz, Michael Dweckek (Brooklyn, Amerikako Estatu Batuak, 1957) eta Gregory Kershawek (Utica, Amerikako Estatu Batuak, 1977) zuzendutako The Truffle Hunters filma izango da. Sundance zinema jaialdian estreinatu zuten, eta Cannesko jaialdirako hautatua izan zen. Piemonteko (Italia) basoetan dagoen trufa preziatu baten bila dabiltzan 80 urteko gizon batzuen istorioa kontatzen du pelikulak. Lau film horiez gain, afari tematikoak ere egingo dira aurten ere Culinary Zinema sailean. Basque Culinary Centerren izango dira, irailaren 21etik 24ra bitartean. Arzak Since 1897 filmari buruzkoa izango da lehen afariko solasaldia, eta jatetxean lan egin duten zazpi sukaldarik hartuko dute parte; hilaren 22an, Ricard Camarena sukaldaria izango da; hurrengo egunean, trufa oinarri duen afari berezi bat egingo dute zenbait jatetxetako sukaldariek; eta, azkenik, sailari itxiera emateko afarian, Raul Balam Camí lliure filmeko protagonista izango da. Dime quién soy telesaila Movistar+ galan Dime quién soy ekoizpenaren nazioarteko estreinaldia ere egingo da Zinemaldian. Julia Navarro idazlearen izen bereko eleberrian oinarritutako lana da, eta XX. mendeko ohitura sozialak hautsi, eta abenturaz beteriko bizitzari heltzen dion emakume baten istorioa kontatzen du. Eduard Cortesek (Bartzelona, 1969) zuzendu du telesaila, eta Irene Escolar, Oriol Pla eta Pablo Derqui aktoreek hartu dute parte, besteak beste. Aurkezpena irailaren 21ean egingo da, Viktoria Eugenia antzokian.
2020-8-25
https://www.berria.eus/albisteak/186011/hiru-urte-bete-dira-myanmarrek-rohingyen-aurkako-sarraskia-egin-zuela.htm
Mundua
Hiru urte bete dira Myanmarrek rohingyen aurkako sarraskia egin zuela
Etnia musulman horretako errefuxiatuek Myanmarrera itzuli nahi dute, baina oraindik ez diete itzulera segururik bermatzen.
Hiru urte bete dira Myanmarrek rohingyen aurkako sarraskia egin zuela. Etnia musulman horretako errefuxiatuek Myanmarrera itzuli nahi dute, baina oraindik ez diete itzulera segururik bermatzen.
Urteurren iluna da gaurkoa rohyngientzat: hiru urte bete dira Myanmarrek haien aurkako sarraskia egin zuenetik. 2017an, ARSA Arakango Rohingya Askapenerako Armadak polizien eta armadaren etxola bati egin zion eraso, eta 12 militar hil zituen. Eraso horrek, ordea, ondorio askoz ere odoltsuagoa izan zuen: armada eta milizia budistak, 59 herritan sartu, 7.000 etxe erre, eta 400 rohingya hil zituen. MSF Mugarik Gabeko Medikuek etnia musulmanaren aurka egindako jazarpenari buruz zabaldutako datuen arabera, Myanmarko armadak gutxienez 6.700 rohingya hil zituen hilabetean —abuztuaren 25etik irailaren 24ra—; haietatik 730, haurrak. Gertakari horrek exodoa eragin zuen, eta, hiru urteren ostean, oraindik ez da konpondu auzia. Myanmarrera itzuli nahi dute Bangladeshera ihes egin zuten rohingyek, baina, oraingoz, ez dute nahikoa berme itzulera seguru bat izateko. 1,1 milioi rohingya inguru bizi dira Rakhine estatuan —populazioaren herena dira —, baina horietako 730.000 baino gehiagok muga igaro behar izan zuten, torturen, bortxaketen eta jazarpenaren artean. Egun dituzten baldintza kaskarren inguruko salaketa egin dute hainbat erakundek.
2020-8-25
https://www.berria.eus/albisteak/186012/nafarroako-volkswagenek-behin-behineko-452-langile-kontratatuko-ditu.htm
Ekonomia
Nafarroako Volkswagenek behin-behineko 452 langile kontratatuko ditu
Urtea amaitu baino lehen 5.000 auto gehiago ekoizteko eskaria jaso du Landabengo lantegiak. Astelehenean hasi zituzten hiru lan txandak, eta erregulazioan zeuden azken langileak egoera horretatik atera dituzte.
Nafarroako Volkswagenek behin-behineko 452 langile kontratatuko ditu. Urtea amaitu baino lehen 5.000 auto gehiago ekoizteko eskaria jaso du Landabengo lantegiak. Astelehenean hasi zituzten hiru lan txandak, eta erregulazioan zeuden azken langileak egoera horretatik atera dituzte.
Volkswagenek behin-behineko 452 langile kontratatuko dituzte Landabengo lantegirako. Astelehenean hasiko dira, eta asmoa da kontratuak 2020. urtearen amaierara arte luzatzea. Wolfsburgeko (Alemania) zentraletik Polo modeloaren 5.000 unitate gehiago egiteko eskaria jaso dute. Igoera horrekin, urteko ekoizpena 247.000 ibilgailu ingurukoa izango da: 137.000 T-Cross eta 110.000 Polo Astelehenean hasi ziren hiru lan txandak osorik egiten eta horiei gehituko zaie larunbateko txanda. Aste honetan aldi baterako erregulaziotik atera dituzte egoera horretan zeuden azken langileak —1.000 inguru; guztira 3.800 dira lantegian—. Hala, fabrika pandemia hasi aurreko jarduerara itzuliko da, egunero 1.581 auto ekoitziz, martxoan baino 44na gehiago goizeko eta arratsaldeko txandetan. Enpresak azaldu duenez, beste 5.000 autoen eskaerak Polo eta T-Cross modeloek azken hilabeteetan izan duten salmenta onekin du zerikusia. Izandako hazkundea espero zen baino handiagoa izan dela azpimarratu du konpainiak, eta urte amaierara arteko aurreikuspenak ere positiboak direla. Europaren laguntzak sektorerako Suspertzea eragin duten arrazoien artean, azpimarratu ditu autoak erosteko Europako hainbat gobernuk bultzatutako planak eta herritar askok banakako garraioaren alde egin izana, garraio publikoaren kaltetan, COVID-19aren kutsaduraren beldur. Emilio Saenz Volkswageneko Nafarroako presidentearen hitzetan, ekoizpena handitzea «albiste bikaina» da, baina zuhurtziaz jokatzeko deia egin du: «Langile guztien lan bikainari emandako saria da. Baina egoerak ezegonkorra eta ziurgabetasun handikoa izaten jarraitzen du; beraz, etorkizun hurbilari begira, baikortasuna, lan apala eta zuhurtzia nahastu behar ditugu».
2020-8-25
https://www.berria.eus/albisteak/186013/gazte-bat-hil-da-azpeitian-moto-istripu-batean.htm
Gizartea
Gazte bat hil da Azpeitian, moto istripu batean
Hildakoa 22 urteko azpeitiar bat da. 20 urteko beste gazte bat zaurituta dago.
Gazte bat hil da Azpeitian, moto istripu batean. Hildakoa 22 urteko azpeitiar bat da. 20 urteko beste gazte bat zaurituta dago.
Trafiko istripu larria izan da gaur eguerdian Azpeitian (Gipuzkoa), Landeta auzoan. Gi-2634 errepidean gertatu da, Elgoibarrerako noranzkoan, eta 22 urteko moto gidari bat hil da. Ezbeharrean auto batek eta moto batek egin dute talka. Ertzaintzak zehaztu duenez, Suzuki moto bat eta Chrysler 300C auto bat dira istripua izan duten ibilgailuak. Autoaren gidariak 20 urte ditu, eta Donostiako Ospitalera eraman dute zaurituta.
2020-8-25
https://www.berria.eus/albisteak/186014/urkulluk-espero-du-gobernu-akordioa-aste-honetan-ixtea.htm
Politika
Urkulluk espero du gobernu akordioa aste honetan ixtea
EAEko jarduneko lehendakariak adierazi du EAJ eta PSE-EE «lau lan alor» ari direla lantzen.
Urkulluk espero du gobernu akordioa aste honetan ixtea. EAEko jarduneko lehendakariak adierazi du EAJ eta PSE-EE «lau lan alor» ari direla lantzen.
Datorren asteazkenerako, irailaren 3rako, dago programatuta Eusko Jaurlaritzaren datorren lehendakaria aukeratzeko inbestidura saioa. Hori kontuan hartuta, Iñigo Urkullu jarduneko lehendakari eta EAJren lehendakarigaiak espero du jeltzaleen eta PSE-EEren arteko gobernu akordioa aste honetan ixtea. «Oinarri programatikoak lantzen ari gara, akordio bat lortzeko espirituarekin», adierazi du Urkulluk Miramar jauregian (Donostian), urte politikoa inauguratzeko egindako agerraldian. Jarduneko lehendakariaren esanetan, bi alderdiak «lau lan alor» ari dira lantzen. Ez du zehaztu, ordea, alor horiek zeintzuk diren. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak joan den uztailaren 12an egin zituzten, eta EAJ izan zen boz gehien lortu zituen indarra. Bozak egin eta egun batzuk pasatu ondoren hasi ziren gobernu programa negoziatzen EAJ eta PSE-EE. Azken legegintzaldian ere koalizioan gobernatu zuten. Jaurlaritzak 11 sailburu izan ditu azkeneko legegintzaldian, eta horietako hiru izan dira PSE-EEkoak. Urkulluri galdetu diote ea erabakita dagoen nortzuek osatuko duten gobernua, nortzuk izango diren sailburuak. Erantzun du ez duela horri buruz «kabalarik» egin nahi. Gauza bera esan du, galdetu diotenean ea mahai gainean ote dagoen Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia lehendakariordea izatea, Jaurlaritzarako figura hori berreskuratuz. Gainera, ez ditu aipatu zeintzuk diren gobernu akordioa ixtea oztopatzen duten «ñabardura konkretuak».
2020-8-25
https://www.berria.eus/albisteak/186015/bisean-bisekoak-bertan-behera-utzi-dituzte-kartzeletan.htm
Gizartea
Bisean bisekoak bertan behera utzi dituzte kartzeletan
Zaballan, Iruñean, Martutenen eta Basaurin ezingo da aurrez aurreko bisitarik egin, eta kristala tartean dutela egin ohi direnekin ordezkatuko dituzte.
Bisean bisekoak bertan behera utzi dituzte kartzeletan. Zaballan, Iruñean, Martutenen eta Basaurin ezingo da aurrez aurreko bisitarik egin, eta kristala tartean dutela egin ohi direnekin ordezkatuko dituzte.
Espainiako Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak bertan behera utzi ditu kartzeletan senideen artean egin ohi diren bisean bisekoak. Neurri horrek eragina izango du Zaballan, Iruñean, Martutenen eta Basaurin, baina baita euskal presoak dauden Espainiako presondegi batzuetan ere; esaterako, Aranjuezen, Estremeran, Valdemoron, Soto del Realen, Zueran eta Logroñon. Neurria hiru asterako jarri dute indarrean, eta aurrez aurrekoak bisita arruntekin —lokutoriokoak, kristala tarteko egiten dena eta 40 minutu irauten duena— ordezkatuko dituzte epe horretan. Gainera, bideo deiak ugaritzeko asmoa adierazi dute Espetxe Erakundeek, bisean bisekoen murrizketa arintzeko. Egoera hori beste espetxe batzuetan ere gertatzen ari da lehendik ere, Etxerat elkarteak nabarmendu duenez; Jaen, Curtis, Daroca, Badajoz, El Dueso eta Puerto I espetxeetan ezin dute aurrez aurrekorik izan, eta Topasen berrogeialdiak ezarri izan dizkiete presoei. «Euskal presoek eta haien senideok emozio karga handia jasaten ari gara, osasun krisiaren ondorioz segurtasunik eza, urduritasuna, beldurra eta ezintasuna bizitzen ari garelako; izan ere, espetxeetan bakartzea areagotzen da», ohartarazi du Etxerat-ek. Hori ikusirik, elkarteak eskatu du presoen urruntzea «lehenbailehen desaktibatzeko» eta «hirugarren gradura iristeko baldintzak dituzten presoak, gaixotasun larriak dituztenak, arrisku taldean daudenak eta 65 urte baino gehiago dituztenak askatzeko». Era berean, erantsi dute PCR probak egin behar zaizkiela preso guztiei, «birusa espetxeetan sar ez dadin eta komunikatzeko eskubidea eta osasunerako eskubidea duintasunez bermatzeko». COVID-19ak egoera zaurgarrian utzi ditu presoak, elkarte batzuek maiatzean salatu zutenez. Espainiako kartzeletako kudeaketa salatu dute Sare Herritarrak, Etxerat-ek eta Arabako Salhaketak. Joseba Azkarraga Sareko kideak adierazi zuenez, hasieratik ari dira salatzen euskal presoek kartzeletan duten «egoera zaurgarria». Gogoratu zuen, besteak beste, espetxeetan ez dagoela osasun sistema egokirik barruan egon daitezkeen kasuak artatzeko.
2020-8-25
https://www.berria.eus/albisteak/186016/nupek-aurrez-aurre-emango-ditu-eskola-guztiak.htm
Gizartea
NUPek aurrez aurre emango ditu eskola guztiak
Datorren asteartean hasiko du ikasturtea, eta zenbait neurri iragarri ditu COVID-19aren kutsatzea eragozteko.
NUPek aurrez aurre emango ditu eskola guztiak. Datorren asteartean hasiko du ikasturtea, eta zenbait neurri iragarri ditu COVID-19aren kutsatzea eragozteko.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2020-2021eko ikasturtea hasiko du datorren astean, eta irakasgai guztiak modu presentzialean emango ditu. Eskolak irailaren 2an hasiko dira, asteazkenarekin, baina, gaur zortzi, graduen aurkezpen saioak dituzte lehen mailako ikasleek. Halere, COVID-19aren hedapena eragozteko neurri batzuk iragarri ditu unibertsitateak. Besteak beste, ikasgeletako ikaspostu kopurua murriztu eta berregituratu da pertsonen arteko metro eta erdiko distantzia gomendatua kontuan hartuta, eta campuseko jarduera presentzialerako neurri higienikoak hartu dira (maskararen erabilera, eskuak garbitzea, eta abar.). NUPek «kontingentzia plan bat» taxutu du datorren ikasturterako, gerta daitezkeen egoeretan zer egin behar den jasotzen duena. Plan horren helburua da «kalitatezko unibertsitate irakaskuntza baten eta ikasleen eta langileen osasuna babestearen arteko oreka ahalbidetzea». Egoera horietan, unibertsitatea «egokitu egingo da ikasgela hibridoen, klaseen emankizun sinkronoaren edo baita sareko irakaskuntzaren bidez ere, joan den udaberrian gertatu zen bezala, osasun agintariek hala agintzen badute». Ikasle guztiek gida bat jasoko dute aste honetan, campusetara iritsi aurretik hartutako neurrien berri izan dezaten. Horri dagokionez, ikasleei gogorarazi diete maskara behar bezala jarrita eduki behar dutela une oro, distantzia mantendu ala ez. Irakaskuntza presentziala eta «ispilu ikasgelak» Horrez gain, NUPek azaldu du irakaskuntza espazioak aztertu dituztela, eskolak aurrez aurre eman ahal daitezen. Haatik, zenbait talde identifikatu dituzte (talde guztien % 7), dagokien ikasgelako gehieneko ikaspostu kopurua gaindituko luketenak, zenbat ikasle matrikulatu diren kontuan hartuta. Hori dela eta, ikasgela horiei (46 ikasgela guztira) kamera, mikrofono eta bozgorailuen sistema bat jarriko diete, ikasgela beteta egonez gero ikasleetako batzuk «ispilu ikasgela» batera joan daitezen. Ikasgela horretan, klasea zuzenean ikusiko dute erabiltzen duten gailuaren bidez, eta, irakasleak hala erabakitzen duenean, txat baten bidez parte hartu ahal izango dute. Osasun Zientzietako campusean eta Tuterako campusean %100 izango da presentzialtasuna, erabilgarri dauden baliabideak aintzat hartuta. Bestalde, NUPeko instalazioetako irakaskuntza praktikei dagokienez, unibertsitateak aurreikusten du praktika guztiak modu presentzialean egingo direla, dagozkien neurri higieniko sanitarioekin. Bestalde, ikasturte honetarako, Internet bidezko ikastaro batzuk prestatu dituzte irakasleentzat, irakaskuntzari laguntzeko metodologia eta tresna teknologikoei buruzkoak. Horrez gain, ikasturte osoan prestakuntza jarraituko programa bat jarriko da abian bideoak egiten eta urrutiko irakaskuntzako beste metodologia batzuk baliatzen ikasteko. Bestalde, unibertsitateak hainbat gailu eman dizkie sailei, hala nola web kamerak, tabletak eta ordenagailu eramangarriak, irakaskuntza presentziala osatzeko materiala presta dezaten. Konfinamenduan gertatu bezala, behar izanez gero, ordenagailu eramangarriak edo sakelakoetarako datu txartelak ere jar ditzakete ikasleen eskura.
2020-8-26
https://www.berria.eus/albisteak/186017/martxan-da-hamaika-klik-ikus-entzunezkoen-lehiaketa.htm
Bizigiro
Martxan da Hamaika-klik Ikus-entzunezkoen lehiaketa
Parte hartzeko epea irailaren 25ean amaituko da; lehiaketaren gaia librea da, eta lanak euskara hutsean aurkeztu beharko dira.
Martxan da Hamaika-klik Ikus-entzunezkoen lehiaketa. Parte hartzeko epea irailaren 25ean amaituko da; lehiaketaren gaia librea da, eta lanak euskara hutsean aurkeztu beharko dira.
Hamaika telebistak Hamaika-klik Ikus-entzunezkoen lehiaketa jarri du abian. Txapelketaren helburua da «sarean eta formatu digitalean diharduten gazteek ikus-entzunezkoak euskaraz sortu, ekoitzi eta kontsumi ditzaten sustatzea», eta horren bitartez gazteak ikus-entzunezkoen kontsumo eta ohitura berrietara gerturatzea. Lehiaketaren gaia librea da, eta lau atal ditu: bideo laburrak —lau minututik hamabost minutura bitartekoak—, mikrobideoak —minutu batetik lau minutura bitartekoak—, Instagram, Tik-Tok eta halakoetako istorioak —gehienez, 15 segundokoak—, eta Whatsapp, Telegram eta sare sozialetarako memeak. Lanak euskara hutsean aurkeztu beharko dira, bai ahotsa, musika, idatziak eta grafismoa. Irailaren 25era arte bidal daitezke ikus-entzunezkoak urteurrena@hamaika.eus helbidera —informazio gehiago nahi izanez gero, helbide berera idatzi—. Atal bakoitzean irabazle bat aukeratuko da: bideo laburraren garaileak 1.000 euro irabaziko ditu; mikrobideoa 750 eurorekin sarituko da; Instagram, Tik-Tok eta halakoetako istorioetako garaileak 300 euro lortuko ditu; eta Whatsapp, Telegram eta sare sozialetarako memeak 300 eurorekin sarituko dira. Epaimahaia Hamaika taldeko eta ikus-entzunezko arloko adituek osatuko dute. Horrez gain, Hamaika Telebistak gune bat jarriko du jendeak aurkeztutako lanak ikusteko, eta ikus-entzuleek aukera izango dute ikus-entzunezko horiek bozkatzeko. Lan sarituak urriaren 23rako ezagutaraziko dituzte.
2020-8-26
https://www.berria.eus/albisteak/186018/formaren-bilaketa-etengabea.htm
Kultura
Formaren bilaketa etengabea
BERRIAk proposatutako ariketarako, bost zuzendariren sekuentziak hautatu ditu Fresnedak; erabaki ausartak hartuta, istorioak pantailaratzeko modu egokia topatu edota emaitza sinesgarria lortu duten bost zuzendariren film bana; zehazki, bere barruan zerbait mugiarazi eta bere esperientzia eraldatu dutenak.
Formaren bilaketa etengabea. BERRIAk proposatutako ariketarako, bost zuzendariren sekuentziak hautatu ditu Fresnedak; erabaki ausartak hartuta, istorioak pantailaratzeko modu egokia topatu edota emaitza sinesgarria lortu duten bost zuzendariren film bana; zehazki, bere barruan zerbait mugiarazi eta bere esperientzia eraldatu dutenak.
Edukia eta forma dira ikus-entzunezko obra oro sortzeko abiapuntutik aintzat hartu beharreko elementu nagusiak: kontatzen dena, batetik, eta nola kontatzen den, bestetik. Elkarri eragiten diote, eta lotura logiko bat izan behar dute. Edo hori da Iratxe Fresneda zinemagileak (Bilbo, 1974) filmei eskatzen dien «oinarri ezinbestekoa»: zuzendariak istorioa pantailara eramateko erregistro egokia bilatu izana. «Izan daiteke koherentziazko erlazioa edo joko guztiz apurtzailea, bi gauzak interesgarriak dira; baina erabakiak zentzua izan behar du». Fresnedak zinemaren esparruan dihardu aspalditik, baina ikerketa eta irakaskuntza izan ditu jardun nagusi zenbait urtez, 2016an zuzendari gisa estreinakoa egin zuen arte: Irrintziaren oihartzuna izan zen haren opera prima, eta iaz eman zuen bigarrena, Lurralde Hotzak. Istorio ezberdinetatik abiatuta, bietan aztertu zuen, preseski, egun irudia nola erregistratzen den. Lehenengoan, Mirentxu Loiarte zinemagilearen erretratua egin zuen: Loiarte euskaraz lan egin zuen lehenengo emakume zinemagilea izan zen, eta bi pelikula filmatu zituen, Irrintzi (1978) eta Euskal emakumeak (1981), baina ahanzturan erori ziren. 35 urte geroago, Fresnedak lan horiek berreskuratu zituen bere filmarekin. Horrekin hasi zuen «erregistroaren trilogia» deitu zuena. Bigarrenerako ere zinemagile baten jardunetik abiatu zen: Lars Von Tier daniarraren lana ikertzen ari zela, bete-betean murgildu zen Eskandinaviako zineman. Prozesu horretan jasotako elementuekin eta tokiekin osatu zuen bigarren filma. Munduari begiratzeko era bat «desagertzen» ari dela iritzita, «gaur egun bizi dugun irudien gehiegikeria» aztertzen saiatu zela esan zion orduan BERRIAri. Orain, trilogiaren azken atalean dihardu lanean: Tetuan, Tttawin, Begiak izena du, eta lau pertsona migratzaileren bizitzak ditu ardatz; iragan mendekoak dira haietako bi, eta egungoak beste biak. «Forma da edozein proiekturen abiapuntutik pentsatzen dudana, beti dagoelako norberak egin behar duen bilaketa bat, sortzaile moduan; hori konstante bat da niretzat», nabarmendu du. Horregatik, beste zuzendarien zintak ikusten dituenean ere, istorioaren eta hura kontatzeko moduaren artean lotura eskatzen du, eta gero, beste elementu batzuk bilatzen dizkio: «Lehena, emozioak sorraraztea». Zer den emozioa harentzat, honela azaldu du: «Mugimendu bat eragitea nire barruan: izan daiteke kuriositatea, beldurra… Edozein emozio, edo guztiak batera». Hori lortzeko zuzendariak hartutako zenbait erabakiri so egin ohi die bereziki; besteak beste, pertsonaiei, enkoadraketei eta kamera mugimenduei, soinuari, eta lortutako sinesgarritasunari. Apustu ausartak egin izana ere baloratzen du. Elementu horiei erreparatu die bere sekuentzia kuttunak aukeratzeko ere. BERRIAk eskatutako zerrenda osatzea «zaila» egin zaiola aitortu du, «era guztietako filmak» maite dituelako, baina ikusle, ikertzaile eta zinemagile gisa bere esperientzia «eraldatu» duten film batzuk badirela aitortu, eta bost hautatu ditu. Howard Hawks. 1938 Fresnedaren ibilbidean «mugarri» izandako filmetako bat da Howard Hawksen (Goshen, AEB, 1896 - Palm Springs, 1977) Bringing Up Baby. Erritmo bizia, pertsonaia bitxiak eta pasarte surrealistak dituen zuri-beltzeko komedia bat. Dinosauro baten hezurdura berreraikitzen ari den paleontologo bat du protagonista, baita berak ezagutu duen neska bat ere, proiektua bururatzeko trabak jarriko dizkiona. Bere garaian, lanak ez zuen arrakastarik izan, eta RKO konpainiak zuzendaria kaleratu ere egin zuen; urteak igaro ahala, baina, kritika hobeak jaso zituen, komediaren klasiko bihurtzeraino. Fresnedaren irudiko, kontakizunaren «eromena, originaltasuna eta surrealismoa» dira lanaren osagai berezienak. Umorearen bidez espero ezin diren egoerak sortuta eragiten duen «zirrara» aipatu du: «Pertsonaiak izugarriak dira, barregura sortzen dute etengabe». Zuzendariak gidoigintzan hartutako erabakiak txalotu ditu, estiloa konplexua iruditzen baitzaio. «Eta miresgarria». François Truffaut. 1959 François Truffautek (Paris, 1932 - 1984) zuzendutako Les quatre cents coups zuri-beltzeko film dramatikoa nouvelle vague-ren lehen filmetako bat izan zen, eta mugimenduaren ezaugarri bereizgarri asko ditu. Antoine Doineli nerabe paristarra da protagonista, Frantziako zinemaren funtsezko pertsonaia bat. Jean-Pierre Leaud aktoreak interpretatu zuen, eta film horren ondoren Truffauten beste lau gehiagotan agertu zen; haren alter ego-a dela diote adituek. Pelikulan, protagonista ingurukoek ulertzen ez duten gazte baten gisan ageri da; jarrera errebeldea du, eta gatazka ugari ditu guraso eta maisuekin. Fresnedarentzat, lanak pertsona orok bizi duen garai bat erretratatzen du, «haurra izatetik nerabe izatera pasatzeko prozesua». Filmaren amaiera hautatu du, beste pasarte on asko dituela zehaztuta. Azken sekuentzian, protagonista azaltzen da pantailan, lasterka, amets bat betetzeko asmoz: itsasoa ezagutzea. Oinak uretan bustitzen dituenean bukatzen da filma, eta gazteak kamerari zuzenean begiratzen dio azken unean. Sekuentzia «zoragarria» da zinemagilearentzat: «Guztiok sentitzen ditugun gauza asko adierazten ditu ihesaldi horrek. Era minimalistan dago filmatuta, baina emaitza indartsua da. Asko markatu ninduen». Jacques Demy. 1964 Les parapluies de Cherbourg musikala Jacques Demyren (Pontchateau, Frantzia, 1931 - Paris, 1990) hirugarren lan luzea da. Bi gazteren arteko amodio istorioa kontatzen du: maiteminduta daude, baina bananduko dira gizona gerrara deitzen dutenean. Urteak igarota topo egingo dute berriz, filmaren amaieran, baina bakoitzak bere bizitzarekin jarraituko du. Hain zuzen, sekuentzia hori da Fresnedak nabarmendu duena, ez baita maitasun istorioak bukatzeko ohiko modua. «Gazi-gozoa da: bizitzan gertatzen diren gauzak bezala». Zuzendariaren iritziz, musikal asko, ongi filmatuta egon arren, ez dira hartzailearengana iristen, «kostata sentiarazten diote ezer»; Demyrenak, berriz, bai, eta horregatik aukeratu du. «Kantatua da hasieratik amaierara, baina kamera mugimenduekin apurtzen dute artifizialtasuna, emozioak sortuz, ikuslearen bihotzeraino heltzeko». Ridley Scott. 1982 Ridley Scotten (South Shields, Ingalaterra, 1937) hirugarren film luzea da Blade Runner, Hampton Fancherrek eta David Webbek idatzitakoa. Zientzia fikziozkoa da, eta Los Angeles (AEB) hiri distopikoan kokatuta dago, 2019an. Gizakiaren gainbeheraz hitz egiten du, istorio surrealista batekin. Lurrean gizaki artifizialak fabrikatzen dituzte esklabo gisa erabiltzeko, baina legez kanpokotzat jo, eta Blade Runner izeneko poliziak arduratzen dira haiek deuseztatzeaz. Filmak hasieran ez zuen arrakasta handirik izan, baina, gerora, eragin nabarmena izan zuen. Girotzearengatik eta XXI. mendeko funtsezko gaiak aurreikusteagatik goraipatu dute bereziki, bai eta soinu bandaren, efektu berezien eta argazkiagatik ere. Elementu horiek erakarri zuten hasieratik Fresnedaren arreta ere. Hiriaren diseinua eta arte zuzendaritzako erabakiak txalotu ditu, bai eta soinu mapa ere: «Gustuko dut sortzen duten atmosfera eta sinesgarritasuna, edozein erokeria sinesgarri egiten dute: itzela da, eta itzel zaila». Espazioaren irudikapenari eman dio garrantzia, eta haren sorkuntzarako ere aintzat hartzen duen elementu bat dela azpimarratu du: «Kokapenak eta ematen zaion tratamenduak sekulako garrantzia dute». Zintaren hasiera aukeratu du, duen indarragatik: «Zinemaren historian badira hasiera jakin batzuk oso indartsuak, eta hau da horietako bat: musika, mugimendua, iluntasuna, nola kokatzen gaituen istorioan…». Theo Angelopoulos. 1998 Mia aioniotita kai mia mera Theo Angelopoulosen (Atenas, 1935 2012) film dramatiko bat da. Protagonista bizitzako egun gutxi batzuk geratzen zaizkion poeta greziar bat da, eta herrialdeko muga igaro duen haur albaniar bat ezagutzen du. Egoera ezberdinak baina zailak bizi dituzte biek. «Bihotzeraino» heldu zitzaiolako aukeratu du Fresnedak; «poesiaz beteriko pelikula bat» delako; «pelikula berezia». Sekuentzia jakin bat du gustuko: protagonistak autobusera igo eta han gelditzen dira, inguruari begira. Zortzi minutuz, autobusean igarotzen da filma. «Unibertso osoa dago hor sartuta: mundu txiki bat autobus baten barruan». Hori lortzea oso zaila dela ziurtatu du Fresnedak, eta zuzendariak apustu arriskutsua egin zuela, «baita ongi egin ere».
2020-8-27
https://www.berria.eus/albisteak/186019/fotogramen-gibeleko-aldea.htm
Kultura
Fotogramen gibeleko aldea
Lau film hautatu, eta, gisa batez edo bestez, horiekin loturan ukan dituen sentimenduez, minez eta galderez mintzatu da Martinez. Umiltasunez, irudi bakoitzak gorde ditzakeenaz ari izan da, ikus ezinak diren baina nonbait senti daitezken horiez.
Fotogramen gibeleko aldea. Lau film hautatu, eta, gisa batez edo bestez, horiekin loturan ukan dituen sentimenduez, minez eta galderez mintzatu da Martinez. Umiltasunez, irudi bakoitzak gorde ditzakeenaz ari izan da, ikus ezinak diren baina nonbait senti daitezken horiez.
Elipsiak eta absentziak aipa zitzakeen. Koloreak, soinu bandak, planoak eta filmen egiturak aipa zitzakeen ere. Zinemaren historiako eszena klabe ikoniko batzuk hauta zitzakeen Josu Martinez zinemagileak (Bilbo, 1986), baina ez du hala nahi izan. «Pentsatu dut zerbaitengatik enekin harremana duten eszena batzuk hautatzea, mugatuz euskal zinemara». Zinemagile izateaz gainera, zinema ikertzaile ere bada. Dokumentala landu du nagusiki, eta Lezo Urreiztietari buruzko Jainkoak ez dit barkatzen (2018) du azken lan propioetako bat, baina haren bilaketa lanari esker berreskuratu ahal izan dira Euskal Herriari buruzko lehen film luzetzat jotzen den Gure Sor Lekua filma (1956) eta 1936an hiru dimentsiotan filmatutako Euskadi dokumental laburra ere. BERRIArentzat egin duen hautaketan ere ikus daitezke bi aurpegi horiek. Hala, etxeko terrazatik, hautatu dituen lau filmak aipatu, eta, bat bederaka, bakoitzaren zergatia aipatu du. Azalpenak eman ahala, harreman hitzak hartu du zentzua. Eta erakutsi du nola, kameraren bi aldeetan, mundu bat gordetzen den ikusten den guztiaren gibelean. Zinegileez mintzatu da, minbera diren gai politiko-sozialez, elkarrizketatuen begiradez... Oro har, pertsonez, eta sentimenduez mintzatu da Martinez. Antton Ezeiza. 1978 Antton Ezeizaren (Donostia, 1935 -2011) Erreferenduma filma izan da aukeratu duen lehena. Eta hautaketa horren gibelean, bada hautatu duen filma, eta bada egilea. Ezeiza izan zen euskal zinema nazionalaren ideia teorizatu zuena; haren ustez, euskarazko zinema. Euskadiko Kutxaren babesarekin sortu zuen Ikuska. «Nahi zuen kalitatezko zinema bat». Horrela sortu ziren gerora izan ziren Ikuska saileko 21 dokumental laburrak. Eta, hain zuzen, Erreferendumak izan behar zuen Ikuska sailaren lehena, abiapuntua, nolabait. Baina zeukan mezuarengatik, Euskadiko Kutxak ez zuen onartu Ikuska gisa ager zedin. Hala, batzuk Ikuska 0 deitzen dute. Espainiako Konstituzioaren erreferendumari buruzko dokumentala da, eta konstituzioaren aldekoak zein kontrakoak aurkezten ditu. Hamaika alderdi erakusten ditu, banan-banan, bakoitza bere diskurtsoa plazaratzen; batzuk konstituzioari baietz, besteak abstentzioaren alde, eta batzuk errefusatzen. Dokumentalaren bukaeran, Herri Batasuna alderdiko hainbat kide agertzen dira, eta, horien artean, Telesforo Monzon: «Borrokan ari diren gudariak ez dira terroristak!». «Monzonen eszena hori oso indartsua da», azaldu du Martinezek. «Eta sekuentzia horrek atentzioa pizten dit, zeren jende batentzat oso hunkigarria izan daiteke, eta beste jende batentzat jasanezina. Batzuek erraten dute lider faxista bat ikusten dutela hor. Horrek erakusten du batzuentzat zerbaitek zerbait erran nahi duelarik besteentzat arrunt kontrakoa izan daitekeela». Bestalde, Ezeizaren lana azpimarratu du zinemagileak, sentsibilitate handiz: «euskal zinema sustatu nahi izan zuen, baina galdu egin zuen. 1980ko hamarkadatik goiti kasik dena gaztelaniaz egina izan zen. Berak erraten zuen apustua galdu zuela: euskal zinema cine vasco bilakatu zela». Apustua galdu; baina ez osoki. «2008an egin nuenean Itsasoaren alaba, berak idatzi zuen testu bat erranez azkenean 30 urte berantago aurkitzen zuela film horretan sustatu nahi izan zuen zinema hori, euskaraz, ikuspegi dialektiko batekin. Bide horri jarraitu nahi izatea sentitzen dut. Badut halako miresmen bat, aitzindari bat izan zen». Juanmi Gutierrez. 1980 XX. mende bukaera arte ez da egon euskal zinema industriarik, baina horrek ez du erran nahi zinemarik egon ez denik. «Hautaketa honetan nahi nuen film amateur bat sartu, iruditzen zitzaidalako euskal zinema amateurra izan dela egon den bakarra eta meritu handikoa izan dela». Aukeratzeko orduan, Juanmi Gutierrez bururatu zaio. «Beti bigarren mailako zinegile baten gisan ikusten zuten». Zinemaldian, askotan hautatua izan zen Gutierrez, eta, iaz zendu zelarik, haren film guztiak ikusgai dira Interneten. Tartean, Fernando Aire Xalbador bertsolariari buruz egin zuen lana. Xalbadorren heriotzatik eta urte bat berantago egin zuen filma, eta hori aipatu nahi izan du Martinezek. «Badira parteak lortuagoak direnak beste batzuk baino, ikusten da zinez zinema artisaua dela; Super 8 batekin joan zen Urepelera, eta, gainera, euskara oso guti jakinik... Iruditzen zait balore handikoa». Xalbadorren hurbilekoek eginiko lekukotasunez josia da dokumentala. «Beti inpresionatu ninduten Xalbadorren emaztearen eszenek. Ez dut baitezpada kontzienteki egiten, baina beti interesatu zaizkit emazteen rolak zineman. Gehienetan, horrelako istorioak kontatu ditut nik ere, kasik film guztietan. Eta hor; oso interesgarria iruditzen zait ikustea nola hitz egiten duen Leonie Airek. Iruditzen zait badela istorio bat hor. Zeren, bada erraten duena, eta bada erraten ez duena. Gero, gainera, jakin dut Leoniek berak ere bertsoak egiten zituela». Dokumentaleko beste zati bat ere aipatu du, zeinean Jose Migel Iztueta Lazkao Txiki mintzo baita Xalbadorren heriotzaz. «Beti hunki nau». Kamera aitzinean mintzatzeko zailtasunak kontuan harturik, xehetasunak kontatzeko manera nabarmendu du Martinezek. «Berez, eszena horrek ez zuen deus, askoz landuagoa izan zitekeen, baina ahozko kontaketaren eredu oso ona da». «Film hori oso ezezaguna da, baina baditu izugarrizko une interesgarriak, eta, azken batean, euskal zinema hori ere bada. Agian, ez da zinegile handi horietako bat izango, baina bai aztarna handia utzi duen pertsona». Maiana Bidegain. 2007 Zuberotar jatorriko familia baten historia kontatzen du Maiana Bidegainek eginiko Secretos de lucha filmak; Uruguain bizi eta Tupamaros taldean gerrillari ibili baitziren Bidegain familiako haurride anitz. Maiana Bidegainek bere aita galdekatu du diktadura denboran bizi izandakoari buruz. Bere aita torturatu zuten, eta gaia ekarri du pantailara. Hala, Martinezen iritziz, bi gai «garrantzitsu» uztartzen ditu dokumentalak; torturarena, eta, horri loturik, dokumentalaren etikarena. «Ikuspegi humano batetik hurbiltzen zaio gai politiko bati, eta nik ere egin molde hori baliatu izan dut». Bere aita torturatu duenarekin elkarrizketa baten egiten saiatzen da Bidegain, baina pertsona horrek ez du dokumentalean agertu nahi; beraz, ezkutuan grabatzen du, aitari entzunarazten, eta dokumentalean agertzen. «Niri, horrek, garai hartan, asko pentsarazi zidan. Dokumentalistaren etikaz hitz egin nahi nuen horrekin. Non dago muga? Segur aski, torturatzaile batek ez dizu kontatuko zerbait bere borondatez, baina, agian, inportantea da jakitea. Eta etikoa da norbait engainatzea?». Claude Lanzmannek eginiko Shoah ere aipatu du Martinezek, hor ere torturatzaile baten erranak kamera ezkutuarekin hartu eta erakutsi baitzituen egileak. «Ongi da edo ez da ongi? Nik ez dut erantzunik. Nik esaten dut 'kamera ez itzali inoiz, eta gero baimena eskatu'. Gai interesgarriak dira, egilea jartzen dutenak hartu beharreko erabakien aurrean». Torturatzaile bat eta torturatu bat bisean bis ezartzea «interesgarria» zaio. «Agian, egunen batean lortuko dugu Euskal Herrian horrelako jende batek hitz egitea. Munduko hiltzailerik handienari ere, interesgarria da elkarrizketa bat egitea, ez ?» Mireia Gabilondo. 2012 Barrura begiratzeko leihoak dokumentaleko film laburretatik bat da Gotzone. Bost zinegileren artean egin zuten lana, eta Martinezek koordinatu zuen euskal presoen gaiari eskainitako dokumental koral hura, eta arrazoi ezberdinengatik hautatu du horren aipatzea. «Oso gaizki pasarazi zidan film bat izan da, gertatu zen guztiarengatik, eta ez da egin ditudan filmen artean gehien maite dudana, ez urrundik ere. Alderdi Popularra zegoen [Espainiako] gobernuan, eta Bildu legeztatu berri zuten. Baina egin genituen, diru laguntzengatik eta, izan zen mehatxua Bildu berriz legez kanpo utziko zutela. Kristoren jazarpena izan zen. Nik nahi nuen iritsi presoen gaiarekin konbentzitua ez zen jendearengana. Segur aski, goizegi zen; ez genuen lortu». Minetik mintzatuz bada ere, Gabilondok eginiko lana azpimarratu du Martinezek. Garai hartan preso zen Gotzone Lopez de Luzuriaga euskal preso politikoari buruzko filma da hori. Lopez de Luzuriagaren anaiak Martinezi kontatu zion beren amak bazituela 300 oreneko grabaketak, gordeak; ama-alaben arteko telefonozko elkarrizketak. «Zergatik grabatzen zituen elkarrizketak ama horrek? Alaba berarekin ukaiteko, hurbil. Imajinatzen nuen ama hori elkarrizketak entzuten, eta iruditu zitzaidan oso azkarra, kristoren gaia. Proposatu nion Mireiari berak egiteko filma, eta oso ongi asmatu zuen; zinegile handi bat ere bada».
2020-8-25
https://www.berria.eus/albisteak/186020/bertako-kulturaren-aldeko-apustua-baluarteren-eta-nosen-hurrengo-sasoian.htm
Kultura
Bertako kulturaren aldeko apustua Baluarteren eta NOSen hurrengo sasoian
'Zu zaintzeko itzultzen gara' lelopean, Baluarte Fundazioak eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoak 70 ikuskizun baino gehiagoko eskaintza prestatu dute 2020-2021eko sasoirako.
Bertako kulturaren aldeko apustua Baluarteren eta NOSen hurrengo sasoian. 'Zu zaintzeko itzultzen gara' lelopean, Baluarte Fundazioak eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoak 70 ikuskizun baino gehiagoko eskaintza prestatu dute 2020-2021eko sasoirako.
Gaur aurkeztu dute Baluarte Fundazioaren eta NOS Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren hurrengo sasoia, Iruñean. Baluarteren denboraldi nagusian musika klasikoko, lirikoko eta dantzako 11 ikuskizun egingo dituzte, eta NOSen abonamendu denboraldian, berriz, 24 kontzertu. Iaz prestatutako eskaintza kolpe batez etenda izan zenez, Rebeca Esnaola Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol kontseilariak «ilusioz» aurkeztu du aurtengoa: «Hilabete hauetan argi geratu baita kultura ezinbestekoa dela gure gizartearentzat». Baluarteren zein orkestraren denboraldiak «kalitate artistiko handikoak» izango direla azpimarratu du, «nazioarteko artista eta konpainiekin, baina baita Nafarroako kultur sektorearentzako toki handiarekin ere». Baluarte Fundazioaren denboraldia urriaren 3an hasiko da, eta datorren urteko maiatzaren 28ra arte iraungo du. Ekitaldi guztietan segurtasun eta higiene neurri ugari hartuko dituzte; edukiera %75ean izango da, eta, eraikinera sartzeko eta irteteko, ate bat baino gehiago egongo dira, eserlekuaren zenbakiaren arabera. Lehen emanaldia Philippe Jaroussky kontratenorrarena izango da, Viva Vivaldi izenburupean. Aurrerago, sasoiko ikuskizunik garrantzitsuenetako bat zera izango da, 2021ean egingo duten lehena: Nafarroako Orkestra Sinfonikoak Ennio Morricone konpositoreari omenaldia egingo dio, Vanessa Garde nafarraren gidaritzapean. Liriko eta klasikoko lanen artean, Aste Santutik gertuko kontzertu tradizionala ere emango dute, La Pasion segun San Mateo, Ensemble Pygmalionen eskutik, edota Carl Orffen Carmina Burana, errepertorioko obrarik ezagunenetako bat, Iruñeko Orfeoiak eta bere eskolaniak Madrilgo Orkestra Sinfonikoarekin batera interpretatuko dutena, apirilean, beste batzuen artean. Dantzari dagokionez, Genevako Antzoki Handiko Balletak Romeo et Juliette lana taularatuko du, martxoan, eta Espainiako Ballet Nazionalak, berriz, Invocación, maiatzean. Maria Antonia Rodriguez Baluarteko kudeatzailearen hitzetan, aurtengo eskaintza «oso maila handikoa» da. Bestalde, Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren eskaintza hamabi programa eta 24 kontzerturekin osatuta egongo da, eta horien artean proposamen «bereziak» izango dira; esaterako, lehen bi programetan Beethoveni egingo diote omenaldi, haren jaiotzaren 250. urteurrenean. Ez dira faltako errepertorio klasikoko izen handiak, hala nola Mozart, Haydn, Brahms, Schumann eta Chopin, ez eta XX. mendeko errepertoriokoak ere, Gershwin, Bartok, Prokofiev, Bernstein, Sibelius eta Rachmaninoff, kasurako. Manuel Hernandez-Silva orkestrako zuzendariak gorabidean diren Dmytro Choni eta Alfonso Gomez pianisten parte hartzea nabarmendu du, baina baita maila gorenean dauden beste batzuena ere: Joaquin Riquelme biola jotzailea, Johannes Moser biolontxelo jotzailea eta Manuel Blanco tronpeta jotzailea. Zuzendarien zerrenda ere ez da maila txikikoa, azpimarratu duenez: Juanjo Mena, Joann Falletta, Jose Miguel Perez-Sierra, Perry So, Georg Mark eta Nuno Coelho arituko dira. Bestalde, NOSek Nafarroako arte sorkuntzarekin duen konpromisoari eutsi nahi dio, eta, horregatik, abonamendu denboralditik kanpo, Koldo Pastor iruindarrak enkarguz sortu duen lanaren estreinaldia eskainiko du, Beethoven Irudiak, Kapritxo Sinfonikoa izenekoa. Era berean, lurralde deszentralizazioaren aldeko apustu berezia egin dute aurten, eta Nafarroako hainbat herritan kontzertuak emango dituzte: Atarrabian, Beran, Tafallan, Arronizen, Zangozan, Corellan, Lesakan eta Altsasun. «Lurraldearekin lotura izatea garrantzitsua da oso», azpimarratu du Esnaolak. Gazteentzako eskaintza Baluarte Txiki programa ere antolatuko dute, bosgarrenez, eta artista eta konpainia nafarren aldeko apustua egiten jarraituko dute. Ikus-entzule gazteenentzako zikloak sei funtzio egingo ditu abendutik apirilera bitartean: bi dantza proposamen, opera ikuskizun bat, orkestrarentzako eta narratzailearentzako ipuin musikatu bat, ikuskizun erritmiko bat eta kontzertu eszeniko bat narratzailearekin eta hari boskotearekin. Aurten, berrikuntza gisa, batetik, abonamendu bat jarriko dute salgai, Baluarte Fundazioko 11 ikuskizun nagusietarako eta orkestrak Baluarten egingo dituen hamabi kontzertutarako sarrerak bilduko dituena; eta, bestetik, nahierako abonamendu bat, zeinarekin gutxienez lau proposamen aukeratu ahal izango diren.
2020-8-27
https://www.berria.eus/albisteak/186021/bere-sekretua-du.htm
Kirola
Bere sekretua du
Erremontisten herria da Doneztebe: hamaika erremontista eman ditu azken 30 urteotan. Koteto Ezkurra, modalitateko jokalaririk onenetariko bat, bertakoa da. Doneztebarrak ziur dira laxoa dela goi mailako hainbeste erremontista ateratzearen arrazoietako bat.
Bere sekretua du. Erremontisten herria da Doneztebe: hamaika erremontista eman ditu azken 30 urteotan. Koteto Ezkurra, modalitateko jokalaririk onenetariko bat, bertakoa da. Doneztebarrak ziur dira laxoa dela goi mailako hainbeste erremontista ateratzearen arrazoietako bat.
Doneztebeko (Nafarroa) sei erremontista ari dira profesionaletan lehiatzen gaur egun. Azken urteotan, gainera, punta-puntako makina bat erremontista atera dira Malerreka eskualdeko hiriburutik. Ez da kasualitatea 2.000 biztanle baino gutxiago dituen herri batetik hainbeste erremontista izatea goi mailan; ondo zaindutako sekretu bat dute: laxoa. Erremontearen munduko ikur distiratsuenetako bat bertakoa da: Koteto Ezkurra (Doneztebe, Nafarroa, 1973). 11 aldiz izan da buruz buruko txapeldun; binakakoan, aldiz, hiru bider jantzi du txapela. Inork ez du lortu Ezkurraren garaikurren zerrendara gerturatzea, eta, askoren ustez, bera da historiako jokalaririk onena. Erremontea 2018an utzi bazuen ere, bihotzean darama oraindik: «Erremontea dena izan da nire bizitzan, barruan eraman dut. Nire bihotzean egongo da beti». Modalitatean ez ezik, Donezteben ere erreferente bat da Ezkurra. Xanti Uterga erremontista profesionala da (Doneztebe, Nafarroa, 1984), eta Doneztebeko alkatea. Haren ustez, Ezkurra bera izan da herriaren eta kirolaren arteko lotura sendotzeko gakoetako bat: «Doneztebek lotura handia du erremontearekin. Koteto izan da azken urte hauetan modalitatearen ikurra, eta historiako onenetakoa, onena ez esatearren. Herriko jendeak asko maite du». Erremonteak ez du beti hainbesteko presentzia izan Donezteben. Ezkurraren ustez, herrian gertatutakoa kasu «bitxia» izan da: «Kasu arraro bat izan da Doneztebe. Atera zen lehen erremontista Etxeberria I.a izan zen; ordura arte ez zen erremontistarik izan herrian. Geroago ni atera nintzen [1990eko hamarkadan], eta hortik aurrera afizioa eta harrobi bat sortu ziren. Orain oso sartuta dago erremontea herrian». Ezkurraren eta Iñaki Lizasoren agerpenaz geroztik, Doneztebeko erremontisten emaria ez da geratu. Ondo gogoratzen du Utergak erremonteak herrian izan zuen gorakada hori: «2000n erremonte eskola sortu zuten Donezteben; ordura arte, beste kirol batzuetan aritzen ginen. Garaia hartan erremonte eskola zerbait berria zenez eta erreferentetzat genituen Koteto eta Iñaki [Lizaso] maila gorenean zeudenez, herriko gazte pila bat hasi ginen erremontean». Kirol eskaintza aparta dute Donezteben, Erreka kirol elkarteari esker. Joseba Legarra da kirol elkarteko presidentea (Doneztebe, Nafarroa, 1986), eta Donezteben kirolerako «afizio handia» dagoela nabarmendu du: «Bakoitzak bere gustuak ditu, baina kirol zaletasun handia dago herrian; halere, hori ez da gaur egungo gauza. Lehen ere hala zen, baina jendeak ez zuen federatzeko ohiturarik. Orain, aldiz, dena formalagoa da». Erreka kirol elkarteak bere ibilbidea eskubaloiarekin hasi bazuen ere, pixkanaka-pixkanaka beste kirol batzuk eskaini zituen; horietako bat erremontea izan zen. «Orain dela 30 urte, erremontista batzuk atera ziren herrian: Iñaki Lizaso, Koteto Ezkurra... gero horietako batzuk gazteei erakusten hasi ziren, eta orain dela urte gutxi Erreka kirol elkartean erremontea federatuta sartu dugu», dio Legarrak. Doneztebeko erremonte eskolan hamabi eta hamalau gazte inguru daude gaur egun. Julen San Miguel erremontista ohia da (Doneztebe, Nafarroa, 1987) eskolako arduraduna. Eskolak fruituak ematen jarraitzen du, uztailean erremonte eskolako hiru gaztek debutatu baitzuten profesionaletan. San Miguel gustura dago, herriko erremontista profesionalen zerrendak handitzen jarraitzen duelako: «Hortxe zabiltza haiekin astean bi aldiz entrenatzen, gauzak zuzentzen. Nire herriko eta eskolako gazteak debutatzen ikusteak sekulako ilusioa egin zidan». San Miguel bera izan du irakasle debutatu berri duen Aimar Jabalerak (Doneztebe, Nafarroa, 2001). Erremonte eskolako monitoreen maila nabarmendu du: «Han izandako esperientzia ikaragarri ona izan da. Erremonte eskolako monitore guztiak profesionalak edo profesional izandakoak dira: Julen San Miguel; eta Endika [Urrutia] eta Lander [Erkizia] batzuetan... ». Pandemiak herri osoaren babesa jasotzea galarazi arren, debutaren eguna berezia izan zen Jabalerarentzat: «Koronabirusa dela-eta, ez zen jende asko joan pilotalekura: familiakoak eta kuadrillako lagunak joan ziren. Gainera, nire kuadrillako Aimar Saldiasekin batera egin nuen debuta. Egun aparta izan zen». Kirolaz gain, kultura Erremontea modu berezian bizi dute Donezteben, eta bertako erremontistak «maitatuak» sentitzen dira. Herriaren babesaz eta inplikazioaz gain, Doneztebeko Udalarena ere badu erremonteak. Uterga alkateak asko estimatzen du modalitatea, eta herriaren eta erremontearen loturak aurrera jarrai dezan egiten du lan: «Guk, udalean, kirol modura ikusten dugu erremontea; baina, kulturalki ere, gure herriak duen ondare bat da». Harro dago doneztebarra eta erremontista izateaz: «Erremontista handien herria da, eta, erremontista eta doneztebar moduan, harro sentiarazten zaitu bertakoa izateak. Ohore bat da herriaren izena zabaltzea». Herriko pilotalekuak Koteto Ezkurraren izena darama, eta, Amezketako Altuna Anaiak pilotalekuarekin batera, erremontista baten izena duen pilotaleku bakarra da Doneztebekoa. Ezkurrak profesional mailan 25 urte bete zituenean, hura omentzeko Uterga buru zen udal taldeak proposatutako egitasmo bat izan zen: «Kotetoren kirol ibilbidea baloratzeko eta harekin detaile txiki bat izateko aprobetxatu genuen. Udal taldean proposatu nuen, eta osoko bilkuran sekretuan pasatu genuen, ahalik eta jende gutxien jabetu zedin». Ezkurrak ez zuen halakorik espero, baina herriko frontoiak bere izena eramatea «ohorea» da harentzat: «Zure herriko pilotalekuak zure izena izatea oso polita da. Oso detaile polita izan zuten nirekin». Frontoiak bere izena izateak gazteak erremontera hurbiltzen laguntzen duelakoan dago: «Kirol guztietan behar da ispilu bat. Ispilu horretan zure gertuko norbait edo zure ezagun bat ikusteak lagundu egiten du». Belaunaldi berriak erakartzeko gakoetako bat gazteei erreferente berriak ematea dela uste du Utergak: «Garai hartan Koteto eta Iñaki gure ispilu izan ziren moduan, gu saiatu beharko gara ahalik eta zuzenen eta hobekien jokatzen, gure atzetik datozenek guri erreparatzeko, eta gure pausuak jarraitu nahi izateko». Laxoa, altxor preziatua Etorkizunean erremonteak Donezteben bizirik jarraituko duela argi dauka Ezkurrak, eta horren arrazoia laxoa da: «Hemen bihotzean eraman dugu beti laxoa. Horrek erremontearekin lotura du, eta erremontean aritzen diren ia denak laxoan ibilitakoak dira. Erremontearen sua piztuta dago, eta laxoak lagunduko du su hori mantentzen». Laxoa gaur egun praktikatzen den pilota modalitaterik zaharrena da. Herri gutxi batzuetan segitzen du bizirik; horietako bat Doneztebe da. Erremontea bera laxotik eratorriko modalitate bat da. San Miguelen ustez, txikitan laxoan ibiltzeak erremontearen ikasketa prozesua errazten du: «Laxoan aritzeak erremontean jokatzen laguntzen du. Posturak eta antzekoak dira. Doneztebeko ia erremontista denak pasatu gara laxotik lehenbizi». Beste hainbat doneztebar gazte bezala, Jabalerak berak ere laxoan egin zituen lehen urratsak: «Txikia nintzenean, laxoan ibiltzen nintzen. Nire lagun batzuk erremontean aritzen ziren, eta probatzera joateko esan zidaten. Ordutik (12 urte nituenetik) nabil erremontean». Laxoa Donezteberen eta erremontearen «indarguneetako bat» dela ziur dago Uterga: «Gure kirolak dira, oso barneratuak ditugu. Kirolak dira, baina kulturalki ere indar handia dute herrian. Ahal bezain hobekien zaindu behar ditugu». Laxoa elkarteak umeentzako irekitzea pentsatzen duen eskola herriarentzat onuragarria dela uste du: «Aberasgarria dela uste dut, esate baterako, umeek asteartean laxoan jokatzea, eta ostegunean, berriz, erremontean». Modalitatea ez dago momenturik onenean, garai batean zuen indarra galdu baitu. Halere, guztiak bat datoz gauza batean: erremonteak etorkizun oparoa izango du Donezteben. Bihotzean daramaten kirol bat da, eta harreman estua dute modalitatearekin. Belaunaldi berriei erremonterako duten pasioa helarazten dakite; barruan gordeta daramaten pasio horrek bereizten ditu besteengandik. Erremonteak bizirik jarraitzeko zer egin behar duten ondo baino hobeto dakite, eta, garrantzitsuagoa dena, nola egin. Bihar: Herri bat, kirol bat (III): Orio eta arrauna.
2020-8-25
https://www.berria.eus/albisteak/186022/wolfsburg-lehen-finalista.htm
Kirola
Wolfsburg lehen finalista
Rolfok egin du gola 57. minutuan, nahiz eta Bartzelona hobea izan den eta aukera gehien izan dituen.
Wolfsburg lehen finalista. Rolfok egin du gola 57. minutuan, nahiz eta Bartzelona hobea izan den eta aukera gehien izan dituen.
Wolfsburg eta Bartzelona izan dira sasoi honetan Europako talderik goleatzaileenak. 140 eta 117 gol sartuak zituzten hurrenez hurren. Gol asko espero zitezkeen beraz, bi taldeek Anoetan jokatutako Txapeldunen Ligako finalerdian. Baina futbolean askotan gertatu ohi bezala, usteak erdi ustel. 1-0 amaitu da partida Wolfsburgen alde. 57. minutuan lortu du Rolfok garaipenaren gola. Bartzelonaren aurrelariak bigun aritu dira erdiraketa bat urruntzeko garaian, eta pare bat alderatzeren ostean iritsi da gola. Hala, Wolfsburg hirugarrenez Europako txapeldun izateko lehiatuko da igandean. Ez da partida ikusgarria izan. Baina bai entretenigarria. Aurrera begira eraikitako taldeak dira biak, eta erakutsi dute. Nahiz eta batez ere partidaren azken txanpan Wolfsburg zuhurrago aritu erasora jotzeko orduan. Hobeto ekin dio partidari Bartzelonak, eta lehen 20 minutuetan nagusi izan da, aukera argirik eduki ez arren. Oshoala izan da arrisku gehien sortu zuen jokalaria. Marionak aurrean egindako lanari esker, nigeriarrak duen abiadura eta joko zuzena baliatu du alemaniarren atera gerturatzeko. 7. minutuan gutxigatik joan zaio kanpora errematea. Ondoren, korner batean baloiak Wolfsburgen atzelari baten eskuan jo du, baina epaileak ez du penaltia adierazi, nahiz eta oso argia zirudien. Alemaniarrak ez zeuden eroso. Baina Bartzelonaren baloiaren irteeraren presioan asmatzen hasi dira, eta pixkanaka zelai erditik aurrerako jokalariak agertzen hasi dira Harder, Rolfo eta Popp. Kontraerasoa oso ondo egiten duen taldea da Wolfsburg. Pase gutxi behar ditu aurkariaren atera ailegatzeko, eta halako jokaldi batean Rolfok gertu izan du gola (24. min.). Baina baloia nahi baino gehiago gurutzatu du. Bartzelonak Hanssenek pare bat jokaldirekin erantzun du lehen zatiaren azken txanpan. Horietako batean ezkerretik ondo sartu da areara, eta ozta-ozta joan zaio baloia kanpora. Aldagelatik bueltan Bartzelonak izan du jokoaren ekimena, eta artean neurketako abagunerik argiena eduki dy. Jennifer Hermosok pase sakon ona eman , eta Hanssenek aukerako baloia izan du jaurtitzeko. Baina erratu, eta Marionari pasatzea erabaki du. Hor galdu zen aukera. Garesti ordaindu zuen Bartzelonak, ia erreskadan ailegatu baita Rolforen gola. Baloi jabetza eman diote alemaniarrek Bartzelonari, kontraerasoa aprobetxatu nahirik. Nekea antzeman arren, kataluniarrek ekinean segitu dute, eta Mariona buruz eta Aitana area ertzetik egindako jaurtiketa batean partida berdintzear egon dira. Baina ez dute asmatu.
2020-8-26
https://www.berria.eus/albisteak/186045/bortxaketa-bat-salatu-du-emakume-batek-durangon.htm
Gizartea
Bortxaketa bat salatu du emakume batek Durangon
48 urteko gizon bat atxilotu dute, sexu askatasunaren aurkako delitua leporatuta.
Bortxaketa bat salatu du emakume batek Durangon. 48 urteko gizon bat atxilotu dute, sexu askatasunaren aurkako delitua leporatuta.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak baieztatu duenez, emakume batek bortxatu egin dutela salatu zuen ostiralean Durangon (Bizkaia). Etxe batean izan zen bortxaketa, eta irratiak Ertzaintzako iturriak aipatuz gaineratu du 48 urteko gizon bat atxilotu zutela. Sexu askatasunaren aurkako delitua leporatu diote, epailearen aurrean deklaratu ostean, baina hark ez du gizona espetxeratzeko agindu. Durangoko Autodefentsa Feminista Asanbladak protesta egitera deitu du ostegunerako, 20:00etarako, Landakon. Beste sexu eraso bat Bilbon Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Ertzaintzak 45 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo Bilbon, emakume bati ukituak egitea leporatuta. Erasoa 20:00 aldera gertatu zen Abandoko tren eta metro geltokien arteko lotunean. Ertzaintzaren patruila batek gizona aurkitu eta atxilotu zuen, eta epailearen esku jarri dute gaur goizean. Erasotzaileak sexu askatasunaren aurkako delituengatik aurrekariak zituen.
2020-8-26
https://www.berria.eus/albisteak/186046/liztorrek-ziztatutako-gizon-baten-gorpua-aurkitu-dute-zaratamon.htm
Gizartea
Liztorrek ziztatutako gizon baten gorpua aurkitu dute Zaratamon
Gizonak 89 zituen, eta baratzean aurkitu zuten hilda, astelehenean. Aurpegian, besoetan eta agerian zituen gorputzeko beste zati batzuetan zituen ziztadak.
Liztorrek ziztatutako gizon baten gorpua aurkitu dute Zaratamon. Gizonak 89 zituen, eta baratzean aurkitu zuten hilda, astelehenean. Aurpegian, besoetan eta agerian zituen gorputzeko beste zati batzuetan zituen ziztadak.
Astelehen arratsaldean, Zaratamoko (Bizkaia) baratze batean, 89 urteko gizon baten gorpua aurkitu zuten, hainbat liztor ziztadarekin. Gorpua aurkitu zutenean, hainbat liztor zeuden inguruan, eta Ertzaintzak suhiltzaileen laguntza behar izan zuen liztorrak eramateko. Gorpuak aurpegian, besoetan eta agerian zituen beste soin atal batzuetan zituen ziztadak. Autopsia egitera eraman dute, eta orduan jakingo da zerk eragin duen heriotza. Suhiltzaileek jakinarazi dutenez, hemengo liztorrek eginak dira ziztadak. Suhiltzaileek eraman egin zuten handik liztorren habia, eta intsektizidarekin suntsitu.
2020-8-26
https://www.berria.eus/albisteak/186048/kenoshan-tiroketa-bat-izan-da-eta-bi-pertsona-hil-dituzte.htm
Mundua
Kenoshan tiroketa bat izan da, eta bi pertsona hil dituzte
Sheriffaren arabera, gasolindegi bat babesten ari zen talde armatu batek Poliziaren indarkeriaren kontra protesta egiten ari zirenei egin die tiro.
Kenoshan tiroketa bat izan da, eta bi pertsona hil dituzte. Sheriffaren arabera, gasolindegi bat babesten ari zen talde armatu batek Poliziaren indarkeriaren kontra protesta egiten ari zirenei egin die tiro.
Kenoshan (Wisconsin, AEBak) protestak izan dira hirugarren gauez, eta tentsioak gora egin du. Protesta horietan, gauerdian, tiroketa bat izan da, eta gutxienez bi pertsona hil dituzte; beste bat zaurituta dago, larri. Ez dago garbi zenbateraino duen zerikusia tiroketak polizia indarkeriaren aurkako protestekin, baina, David Beth sheriffak elkarrizketa batean aurreratu duenez, lehen zantzuen arabera, gasolindegi bat babesten ari zen talde armatu batek protestariei egin die tiro. Hiru pertsona tirokatu dituzte. Sheriffak gaineratu du gertatutakoa ikertzen ari direla eta gasolindegian zegoen talde armatu hori ari direla ikertzen. Horretarako, gasolindegiaren bideo irudiak ikusten ari dira. Horietako batean, gizon batzuk oihuka ageri dira, eta armak hartzen dituztela ikusten da. Ondoren, alde egiten dute. «Horrelako gauzengatik ez dut delegatzen nire armak dituztenengan», adierazi du. Bart ere protesta handiak izan dira Kenoshan Jacob Blaken kontrako erasoa salatzeko. Igande arratsaldean Poliziak zazpi alditan egin zion tiro bizkarrean, hura bere autoan sartzera zihoanean. 20:00etan etxeratzeko agindua emana zegoen, baina milaka lagun atera dira kalera. Protestarik larrienak auzitegiaren inguruan izan dira. Poliziak barrera bat jarri zuen auzitegia babesteko, eta manifestariek ur botilak, harriak eta zuziak bota dituzte. Poliziak negar gasa eta gomazko balak bota ditu. Protestak, orduan, beste kale batzuetara zabaldu dira, eta zenbait manifestari tiroketa izan den gasolindegiaren ingurura heldu da. Eztabaida bat izan da horien eta armatuta gasolindegia zaintzen ari zirenen artean, eta, pixkanaka, tentsioak gora egin du, tiroketa gertatu den arte. Jacob Blaken familiak jakinarazi duenez, litekeena da istiluetan egin dizkioten zauriek paraplegia eragitea senideari, bizkarrezurrean zauritu zutelako; «mirari bat» izango da berriro oinez ibili ahal izatea. Giltzurrenean eta gibelean ere zauri larriak ditu. Blaken amak lasaitasunerako deia egin du. George Floyden kasuan gertatu zen bezala, Blakerenean ere grabatuta geratu zen Poliziaren erasoa. Louisvillen ere (Kentucky) protestak izan dira bart, Breonna Taylorren hilketagatik. Taylor larrialdietako medikua zen, beltza, eta martxoan hil zuten hiru poliziak, etxean zela. Kaleko arroparekin jantzita sartu zitzaizkion poliziak etxean, lehen zantzuen arabera, mutil laguna beste norbait zuelakoan. Horrek, lapurrak zirelakoan, tiro eginez erantzun zuen, eta, tiroketan, poliziek Taylor hil zuten. Erasoa martxoan gertatu bazen ere, Floyden hilketaren osteko protesta giroan, Louisvillen ere piztu dira. Bart gauean 64 pertsona atxilotu dituzte.
2020-8-26
https://www.berria.eus/albisteak/186049/sexu-eraso-bat-izan-zen-uztailean-baionako-presondegian.htm
Gizartea
Sexu eraso bat izan zen uztailean Baionako presondegian
Gizon batek zeldakidea bortxatu zuen uztailaren 26an, eta lau hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio Baionako Auzitegiak, gibelapenarekin.
Sexu eraso bat izan zen uztailean Baionako presondegian. Gizon batek zeldakidea bortxatu zuen uztailaren 26an, eta lau hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio Baionako Auzitegiak, gibelapenarekin.
Baionako Auzitegian epaitu zuten erasotzailea, atzo. Erasoa uztailaren 26an gertatu zen. Baionako kartzelan, erasotzaileak zeldakideari eraso egin zion, uzkitik egurrezko makila bat sartuz. Epaileak «sexu eraso» gisa kalifikatu du gertatutakoa, eta lau hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio gizonari, gibelapenarekin. Hala, beste delitu bat eginez gero, kondenari beste lau hilabete gehituko zaizkio. Bestalde, 1.000 euroko kalte-ordaina pagatu beharko dio biktimari. Erasoa pairatu duen gizonaren abokatuaren arabera, jazarpen franko jasan ditu biktimak kartzelan. Hala, zeldaz aldatu egin dute.
2020-8-26
https://www.berria.eus/albisteak/186050/zelaa-aztertzen-ari-da-covid-19arengatik-itxialdia-egin-behar-duten-haurren-gurasoei-gaixo-agiria-ematea.htm
Gizartea
Zelaa aztertzen ari da COVID-19arengatik itxialdia egin behar duten haurren gurasoei gaixo agiria ematea
Espainiako Gobernuko Hezkuntza ministroak esan du bihar elkartuko direla autonomia erkidegoetako ordezkariekin, besteak beste, maskaren erabileraz eta tenperatura hartu beharraz zerbait erabakitzeko.
Zelaa aztertzen ari da COVID-19arengatik itxialdia egin behar duten haurren gurasoei gaixo agiria ematea. Espainiako Gobernuko Hezkuntza ministroak esan du bihar elkartuko direla autonomia erkidegoetako ordezkariekin, besteak beste, maskaren erabileraz eta tenperatura hartu beharraz zerbait erabakitzeko.
Maskarak, gel hidroalkoholikoak, PCRak, distantzia... Funtsean, COVID-19ak baldintzatuko du 2020-2021eko ikasturtea. Argibide gehiago emateko, SER irratian hitz egin du Isabel Zelaa Espainiako Gobernuko Hezkuntza ministroak. Zer gertatuko da gurasoekin haurrek COVID-19 dela-eta itxialdia egin behar badute? Hori da guraso askok buruan duten galderetako bat. Dirudienez, zenbait aukera aztertzen ari dira, haurra zaindu ahal izateko: gurasoei gaixo agiria ematea, baimen ordaindu bat ematea... Eskolak aurrez aurre ematearen alde egin du Zelaak, eta, lehentasunak jartzekotan, 14 urte arteko haurrek aurrez aurreko eskoletara joatearen alde egin du. «Presentzialtasuna da kontzeptu orokorra, beste batzuk baztertu gabe». Bihar, bilera Zelaak azaldu duenez, bihar elkartuko dira autonomia erkidegoetako ordezkariekin. Itzulerarako neurriez arituko direla esan du. Haren hitzetan, autonomia erkidegoek ekainetik dute neurri horien berri, baina «errealitatera egokitu» beharra dute. Egokitzapen horietako bat da 6 urtetik aurrera maskararen erabilera «orokorragoa» izatea. Horrez gainera, nabarmendu du bihar erabakiko dutela ikastetxeetan umeei tenperatura hartu beharko zaien ala ez. Osasun Ministerioaren esku utzi du, berriz, ikastetxeetako langileei PCRak egin behar ote zaizkien erabakitzea, baita «kontu larri bategatik» ikastetxeak itxi beharra ere.
2020-8-26
https://www.berria.eus/albisteak/186051/pintaketa-faxistak-egin-dituzte-kanbon-eta-ezpeletan.htm
Gizartea
Pintaketa faxistak egin dituzte Kanbon eta Ezpeletan
Goizean zabaldu dira argazkiak sare sozialetan: tindu faxistekin agertu dira Kanboko eta Ezpeletako zenbait pareta. Mikel Barriosen aldeko tindu bat ere zikindu dute.
Pintaketa faxistak egin dituzte Kanbon eta Ezpeletan. Goizean zabaldu dira argazkiak sare sozialetan: tindu faxistekin agertu dira Kanboko eta Ezpeletako zenbait pareta. Mikel Barriosen aldeko tindu bat ere zikindu dute.
Ez da lehen aldia Ezpeletan tindu faxistak agertzen direna. Duela hilabete zenbait, Travail, Famille, Patrie (Lana, Familia, Patria) Frantziako eskuin mutturraren lelo historikoa tindatu zuten Ezpeletako etxola batean. Goiz honetan, fite hedatu dira argazkiak: berriz agertu dira tindu faxistak Lapurdiko bi herritan: Kanbon eta Ezpeletan, esaterako. Gurutze zeltikoen marrazkien ondoan, «Frantzia frantziarrentzat», eta «Frantzia lehenik, zuria beti» esaldiak tindatu dituzte, frantsesez. Kanbon, Mikel Barrios euskal presoaren askatzearen aldeko tindu bat ere zikindu dute. Uztailaren 14an —Frantziako Nazioaren Egunean—, Mondarraingo tontorreko ikurrina kendu zuen talde batek.
2020-8-26
https://www.berria.eus/albisteak/186052/frantziako-suspertze-planak-2000-milioi-euro-izango-ditu-kulturarako.htm
Ekonomia
Frantziako suspertze planak 2.000 milioi euro izango ditu kulturarako
Irailaren 3an aurkeztuko du Frantziako Gobernuak ekonomia suspertzeko 100.000 milioi euroko plana. Jean Castex lehen ministroak azaldu duenez, 40.000 milioi «Europatik etorriko dira», eta 2.000 milioi euro kultura sektorea sostengatzeko izango dira.
Frantziako suspertze planak 2.000 milioi euro izango ditu kulturarako. Irailaren 3an aurkeztuko du Frantziako Gobernuak ekonomia suspertzeko 100.000 milioi euroko plana. Jean Castex lehen ministroak azaldu duenez, 40.000 milioi «Europatik etorriko dira», eta 2.000 milioi euro kultura sektorea sostengatzeko izango dira.
Frantziako lehen ministro Jean Castexek bere gobernuak ekonomia suspertzeko duen planaren zantzu batzuek eman ditu gaur France Inter irratian egindako elkarrizketan. Hasieran, gobernuak atzo eman behar zuen 100.000 milioi euroko plan horren berri, baina igandean atzeratu egin zuten aurkezpena. Castexen arabera, gobernuak nahiago izan du aurrena «frantziarrak lasaitu, osasun egoeraren kudeaketari dagokionez». Esan du ekonomiari bultzada emateko plana, azkenean, irailaren 3an aurkeztuko dutela. Azaldu du, halaber, 100.000 milioi euroko diru injekzioa ekarriko duten neurri ekonomikoak izango direla, baina ez dela zergarik igoko horiek ordaintzeko. «Europatik etorriko dira 40.000 milioi euro», gaineratu du, Batasunean mutualizatutako zorretik. «Europak lan egiten duenean ere esan egin behar da». Castexen aburuz, «ez da finantza kontua soilik, Europaren berritzea ere bada». Kultura sektorerako izango dira diru horietatik 2.000 milioi euro. Lehen ministroren arabera, «sektore horrek asko sufritu du krisiaren erruz». Castexek deia egin die herritarrei atzera zinemara eta antzokietara joateko, «ez duzue ezer arriskatzen». Gaineratu du gaurtik derrigorrezkoa dela maskara jartzea antzokietan eta zinema aretoetan.
2020-8-26
https://www.berria.eus/albisteak/186053/gaualdiak-483-jaitsi-dira-eaeko-turismo-sektorean.htm
Ekonomia
Gaualdiak %48,3 jaitsi dira EAEko turismo sektorean
Uztailean 949 turismo ostatu egon dira irekita, ekainean baino %30 gehiago. Nabarmen hazi badira ere, sarrera, gaualdi eta egonaldiak ez dira iazko kopuruen erdira ere iritsi.
Gaualdiak %48,3 jaitsi dira EAEko turismo sektorean. Uztailean 949 turismo ostatu egon dira irekita, ekainean baino %30 gehiago. Nabarmen hazi badira ere, sarrera, gaualdi eta egonaldiak ez dira iazko kopuruen erdira ere iritsi.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hotel, landa ostatu eta apartamentu turistikoek 201.839 sarrera izan dituzte uztailean; Eustaten arabera. Iaz baino %44 gutxiago izan dira. Gaualdiak ere antzeko jaitsiera izan dute, %48,3. Baina ekainarekin alderatuz, nabarmen igo dira: 412.181 gaualdi izan dira, aurreko hilean baino 296.489 gehiago. Turismo sektorearen jarduera handituz joan da alarma egoera amaitu zenetik hona: ekainean, artean ere 417 establezimendu zeuden itxita; uztailean, 204. Denera, 949 establezimendu egon dira irekita uztailean, iaz baino 98 gutxiago. Bisitarien batez besteko egonaldia ere murriztu egin da aurten. Jaitsierarik handiena Gipuzkoak izan du: 2019ko 2,39 egunetik aurtengo 2,01era. Bizkaian eta Araban, aldiz, txikiagoa izan da egonaldien beherakada. Bizkaian, 2,08 egunetik 2,07ra jaitsi da; eta Araban, 2,13tik 2,07ra. Apartamentu turistikoak Establezimendu gutxiagok jardun duten arren, apartamentu turistikoen kopurua handiagoa da aurreko urtearekin alderatuta. Iaz, 81 ziren iaz, eta, aurtengo uztailean, 88 zenbatu dituzte. Sarrerek eta gaualdiek, berriz, behera egin dute: %27,4ra eta %30era, hurrenez hurren. Gaualdiak ere jaitsi egin dira —3,62tik 3,49ra—. Araban izan da beherakadarik handiena: 6,53tik 5,22ra arte.
2020-8-26
https://www.berria.eus/albisteak/186054/artiumeko-langileek-grebarako-asmoa-berretsi-dute.htm
Kultura
Artiumeko langileek grebarako asmoa berretsi dute
Museoko langileek "enplegua ez suntsitzeko" eskatu dute gaur goizean, lantoki atarian egindako elkarretaratzean.
Artiumeko langileek grebarako asmoa berretsi dute. Museoko langileek "enplegua ez suntsitzeko" eskatu dute gaur goizean, lantoki atarian egindako elkarretaratzean.
Gasteizko Artium museoko bisitarien arretarako langileak hurrengo hiletan kaleratzeak egongo diren beldur dira. Hala, mobilizazioetan dira uztailaz geroztik, eta datozen egunetan hiru lanuzte egingo dituztela iragarri dute: irailaren 4an, 9an eta 11n. Gainera, konponbiderik ezean, hilaren 15etik aurrera, greba mugagabea hasiko dutela berretsi dute goizean egindako protestan. ELA eta CNT sindikatuek babestu dute deialdia. Azpikontratatuta daude zerbitzuko hamasei beharginak, baina hurrengo adjudikazio deialdian murrizketak datozela salatu dute. Hortik kaleratzeen beldurra. Museoak dioenez, ordea, ez dago murrizketarik aurreikusita arreta zerbitzua adjudikatzeko lehiaketa berrian. Zuzendaritzak ukatua du, halaber, aurrekontu txikiagoa izango dela arreta zerbitzurako. Bi aldeak harremanetan dira, eta, ELAren arabera, langileak Arabako Foru Aldundiarekin ere jarri dira kontaktuan.
2020-8-26
https://www.berria.eus/albisteak/186055/gutxienez-67-kasu-ipar-euskal-herrian.htm
Gizartea
Gutxienez 67 kasu Ipar Euskal Herrian
Eskualdeko Osasun Agentziak lau agerraldi zenbatu ditu. PCR proben gune zenbaitetako emaitzak ezagutarazi dituzte.
Gutxienez 67 kasu Ipar Euskal Herrian. Eskualdeko Osasun Agentziak lau agerraldi zenbatu ditu. PCR proben gune zenbaitetako emaitzak ezagutarazi dituzte.
Ipar Euskal Herrian COVID-19 gaitza dutenen kopurua emendatu da, Eskualdeko Osasun Agentziak jakinarazi duenez. Horrez gainera, PCR proben guneetan egin duten detekzio kanpainako zenbakiak eman ditu Sud Ouest egunkariak. Donibane Lohizunen (Lapurdi), 882 proba egin dituzte, eta horietako 30ek positibo eman dute, hau da %3,4k. Urruñan (Lapurdi) sei kasu atzeman dituzte han eginiko 120 probetatik; hots, %5. Bidarten (Lapurdi), hamaika positibo atzeman dituzte, eta, guztira, 201 proba egin dituzte; hots, %5,4 positibo. Oraindik ez dituzte ezagutarazi beste herri eta hiri batzuetan egindako detekzio kanpainei buruzko datuak. Bestalde, Eskualdeko Osasun Agentziak Ipar Euskal herriko agerraldien berri eman zuen atzo arratsean. Donibane Lohizunen hiru agerraldi izan dira, bi «lan espaziotan»: hiru langile kutsatu dira batean, eta lau bestean. Kanpin batean ere hiru kasu atzeman dituzte. Baigorrin (Nafarroa Beherea), «gertakari pribatu» baten ondorioz, hamar kasu detektatu dituzte.
2020-8-26
https://www.berria.eus/albisteak/186056/gaitza-zuten-25-pertsona-hil-ziren-iragan-astean-hego-euskal-herrian.htm
Gizartea
Gaitza zuten 25 pertsona hil ziren iragan astean Hego Euskal Herrian
Hiru egoiliar hil dira Bizkaian. 889 positibo zenbatu dituzte Euskal Herrian.
Gaitza zuten 25 pertsona hil ziren iragan astean Hego Euskal Herrian. Hiru egoiliar hil dira Bizkaian. 889 positibo zenbatu dituzte Euskal Herrian.
Hego Euskal Herrian 822 kasu izan direla jakinarazi dute Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko Osasun Sailek; udako kopururik handiena. Bigarren aldia da udan zehar 800 kasuren langa gainditzen dela; abuztuaren 21ean baino kasu bat gehiago atzeman dute. Bezperako datuekin alderatuta, aldea nabarmena da: 251 kasu gehiago atzeman dituzte. PCR proben kopurua ere, halere, handiagoa izan da: 9.980 test egin dituzte azken orduetan, atzo 7.240. Ipar Euskal Herrian, PCR proba guneetan doako testak egiten aritu dira egunotan, eta, jakinarazi dutenez, 47 kasu atzeman dituzte Donibane Lohizunen, Bidarten eta Urruñan (Lapurdi). Aldi berean, Eskualdeko Osasun Agentziak beste 20 kasu detektatu ditu Lapurdin eta Nafarroa Beherean. Beraz, 889 positibo zenbatu dituzte azken orduetan Euskal Herrian. Positiboez gain, beste datu bat ere jakinarazi dute agintariek: abuztuaren 17tik 23ra bitarteko astean COVID-19a zuten 25 pertsona zendu ziren Hego Euskal Herrian; horietatik hogei gaitzaren ondorio zuzenengatik. Hau da, abuztuaren 10etik 16ra hil zirenak halako bi: hamabi izan ziren orduan COVID-19a zuten hildakoak, lau eragin zuzenagatik. Gainera, positibo emandako beste bost pertsonan ere hil dira. Udako agerraldiek gazteengan izan zuten eragina hasieran, eta, horrenbestez, intzidentzia txikia izan zuen ospitaleetan zein heriotza kopuruetan. Azken egunetan, baina, aldatuz joan da joera hori. Birusa adinekoengana heltzen hasi da; zahar etxetan atzeman diren kasuak adibide argia dira. Hego Euskal Herrian 140 egoiliar daude kutsaturik, eta zortzi zendu dira egunotan. Azken orduetan hiru egoiliar hil direla jakinarazi du Bizkaiko Foru Aldundiak. Horrek, beraz, eragina izan du ospitaleratzeen hazkundean eta baita heriotza kopuruan ere. Azken orduetan 37 eri sartu dira Hego Euskal Herriko erietxeetan. Oraintxe bertan, beraz, 286 gaixo daude ospitaleraturik gaitzaren eraginez; horietatik 39 ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan daude. Herrialdeka, Bizkaian atzeman dituzte kasu gehien, 363, baina Gipuzkoako intzidentziak ugaritu egin dira: 215 positibo detektatu dituzte, bezperan baino 38 gehiago. Badirudi birusa tokia hartzen ari dela herrialde horretan, bereziki hiriburuan: 91 kasu atzeman dituzte Donostian. Izan ere, gaueko aisialdiari loturiko agerraldi bat dago hirian. Nafarroan, 122 kasu berri izan dira, eta Araban, 96. Erkidegotik kanpo beste 26 positibo detektatu ditu Jaurlaritzak. Gernika izandako oldarraldia da oraintxe beste arretaguneetako bat, baina badirudi agerraldia apalduz doala: hamahiru kasu atzeman dituzte azken orduetan. Asteazkenaz geroztik, 107 kasuren berri eman dute. Ezkerraldean intzidentzia handia Ezkerraldeko herrietan kasu ugari agertzen ari dira egunotan. Barakaldon, Santurtzin eta Sestaon (Bizkaia) intzidentziak handiak dira, baina azken orduetan koska bat egin dute gora, Sestaon bereziki. Herri horretan, 39 kasu atzeman dituzte azken orduetan, eta hau da intzidentzia tasa: 1.000 biztanleko 397. Barakaldon ere 25 kasu izan dira, eta Santurtzin, 16. Inguruko beste herri batzuetan ere igartzen da intzidentzia hazi egin dela: Gettxon, esaterako, 36 kasu atzeman dituzte. Edukierak mugatuko dituzte Nafarroan Pandemiaren bilakaera ikusita eta ikasturte berriari begira, Nafarroako Gobernuak neurri batzuk zorroztuko dituela iragarri du. Ekainean onartu zuen gobernuak normaltasun berrirako foru dekretua, eta, orain, aldaketa batzuk egitea adostu du. Santos Indurain Osasun kontseilariak esan du abagune «konplexua» dela hau, eta ikasturte berrirako prestatzeko egokiera dela orain. Horregatik, zuhurtziaz jokatzeko eskatu du: «Egoerak hobera egitea eta intzidentzia jaistea lortu behar dugu ikasturte hasierarako». Gobernuak onarturiko murrizketa berriek jende pilaketa eragoztea izango dute helburu. Arlo pribatuan debekurik ezartzeko eskumenik ez izan arren, kontseilariek herritarrei galdegin die ez egiteko hamar pertsona baino gehiagoko bilkurarik, izan eremu pribatuan edota publikoan. Gainera, derrigorrez betebeharreko murrizketak ere iragarri ditu: gurtza eremuetako edukiera %50era murriztuko da; ezkontzetan eta antzeko ekitaldietan 35 pertsona bildu ahal izango dira gehienez ere, eta 75 kanpoan bada; ekitaldi jendetsuetako edukiera 350 pertsonaka izango da barnealdean, eta 700 pertsonakoa kanpoaldean, eta zaharren zentroetako edukiera ere erdira murriztuko da.
2020-8-26
https://www.berria.eus/albisteak/186057/iruna-veleiako-piezei-proba-gehiago-egiteko-gose-grebak-35-egun-bete-ditu.htm
Kultura
Iruña-Veleiako piezei proba gehiago egiteko gose grebak 35 egun bete ditu
Arabako aztarnategiko aurkikuntzei proba gehiago egiteko eskatzen die agintariei Jose Mari Lejardi 'Gabixola' grebalariak, eta kasua zabaltzen laguntzeko bertso saioa antolatu du ostiralerako Gasteizko gaztetxean.
Iruña-Veleiako piezei proba gehiago egiteko gose grebak 35 egun bete ditu. Arabako aztarnategiko aurkikuntzei proba gehiago egiteko eskatzen die agintariei Jose Mari Lejardi 'Gabixola' grebalariak, eta kasua zabaltzen laguntzeko bertso saioa antolatu du ostiralerako Gasteizko gaztetxean.
Diabetesa du, hipertentsioa, eta hilabete pasa darama gose greban, baina orain arteko egun horiek guztiak «betegarriak» baino ez direla izan azaldu du Jose Mari Lejardi ‘Gabixola’-k. Hurrengo asteetan eratzekoa den Eusko Jaurlaritza berriko kideekin biltzea du bere benetako helburua, eta greba egun kopuru esanguratsu bat izan nahi luke ordurako. «Ez digute kasurik egingo 40 edo 50 egun pasatu arte». Iruña-Veleiako aztarnategiko piezak benetakoak izan daitezkeela uste du, eta gobernuari bi eskari zehatz egiteko abiatu du gose greba: Europako laborategietan piezei arkeometria probak egin diezazkieten, batetik, eta, aztarnategian parterik ez duten arkeologoek indusketa kontrolatuak egin ditzaten, bestetik. «Egia nahi dugu, eta uste dugu gaur egun zientziak badituela moduak egia hori azkar bilatzeko». Lejandiak 35 egun daramatza greban, Gasteizko Aiztogile kaleko 73. zenbakian, eta bertan ematen ditu kasuari buruzko azalpenak. Bertso saioa ere antolatu du kasuaren berri ematen laguntzeko. Ostiralean izango da zita Gasteizko gaztetxean, 20:30ean, eta Amets Arzallus, Oihane Perea, Iratxe Ibarra eta Iñaki Viñaspre bertsolariak arituko dira kantuan. Lejardi bera izango da gai jartzailea. Azaldu duenez, Iruña-Veleiari buruzko gaiek hartuko dute saioaren parte bat, baina bestelakoak ere izango dira. Erruduntasun epaia Eliseo Gil arkeologoak gidatutako taldeak 2006an aurkeztu zituen euskararen, kristautasunaren eta antzinateari buruzko jakintza iraultzekoak ziren piezak, baina faltsuak izan zitezkeen susmoa zabaltzen hasi zen berehala, eta Gilen enpresari aztarnategiaren ustiaketa kentzea erabaki zuen Arabako Aldundiak 2008an, gaia aztertzeko batzorde zientifiko bat antolatu ostean. Salaketa ere jarri zuen aldundiak Gilen eta beste bi kolaboratzaileren aurka, eta, azkenean, aurten heldu da Gasteizko Zigor Epaitegiaren epaia, aferak instrukzio fasean 11 urte eman ondoren. Epaileak bi urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio Gasteizko auzitegiak Gili, iruzur egin, dokumentuak faltsutu eta ondarea hondatzeagatik. Ez du frogatutzat eman faltsutzeak hark egin zituenik, baina piezak faltsuak ziren jakinaren gainean aritu izana egotzi dio epaitegiak aztarnategiko zuzendari izandakoari. Helegitea aurkeztu du Gilen defentsak orain, absoluzioa eskatuz, eta epaiaren ostean heldu da gose greba ere. Gilen babesik gabe Bost pertsonak hasi zuten greba uztailaren 23an, eta haien babesarekin jarraitzen du Lejandiak oraindik ere. EAJ, EH Bildu eta Ahal dugu alderdiekin eta hainbat sindikaturekin bilkura sorta egin ostean hasi zuten protesta ekintza, eta, egun, Lejardi da ordutik greban jarraitzen duen bakarra – astean egun bateko eta hiru eguneko baraualdiak egiten dituzte beste bi grebalarik–. Ordea, kritikak ere egin dizkiete gose greba egiteagatik. Greba hasi baino egun bete lehenago, grebarik ez egiteko eskaria egin zuten jendaurrean Eliseo Gil eta Idoia Filloy Iruña-Veleiako aztarnategiko kudeatzaile izandakoek, eta oharra kaleratu zuten SOS Iruña-Veleia eta Martin Ttipia elkarteek ere grebari ez ziotela babesik ematen azaltzeko. Bi elkarte horiek bat egiten dute piezei proba gehiago egiteko eskariarekin, baina orain greba egitea «kaltegarria» izan daitekeela uste dute, auzia oraindik ere epaitegian dagoelako, eta Gilen defentsak epaiari helegitea aurkeztu diolako. Lejardik azaldu duenez, ordea, kritiko azaldu diren elkarte horietako hainbat kideren bisitak izan dituzte egunotan. «Esaten digute ados ez egon arren gurekin daudela». Gilek ere dio mezu atseginak bidali dizkiotela, egiten dutena eskertuz, eta nahikoa egin dutela esanez, mezu horietan grebalariei gose greba bertan behera uzteko ere eskatzen dien arren. Akordioa lortu arte Hau ez da Lejardiren lehen gose greba luzea. Urteak eman ditu garraiolari lanetan, eta, bere kasa, 47 eguneko gose greba egin zuen 2014an garraio sektoreak bizi zuen egoera salatzeko. Oraingoan ere, indarra duen bitartean eustea da Lejardiren asmoa, legebiltzar berrian «zientziaren aldeko akordioa» lortu arte. «Eskatzen duguna aspaldi konponduta egon behar zen. Badaude tresnak hau konpontzeko».
2020-8-26
https://www.berria.eus/albisteak/186058/hil-egin-da-azpeitiko-istripuan-larri-zaurituriko-gaztea-ere.htm
Gizartea
Hil egin da Azpeitiko istripuan larri zaurituriko gaztea ere
Istripu larria gertatu zen atzo auto baten eta moto baten artean, Azpeitian. 22 urteko moto gidaria zendu zen atzo, eta larri zauritu zen 20 urteko auto gidaria. 'Urola Kostako Hitza'-k jakinarazi du hil egin dela hura ere.
Hil egin da Azpeitiko istripuan larri zaurituriko gaztea ere. Istripu larria gertatu zen atzo auto baten eta moto baten artean, Azpeitian. 22 urteko moto gidaria zendu zen atzo, eta larri zauritu zen 20 urteko auto gidaria. 'Urola Kostako Hitza'-k jakinarazi du hil egin dela hura ere.
Urola Kotsako Hitza-k jakinarazi duenez, hil egin da atzo Azpeitian (Gipuzkoa) gertaturiko auto eta moto istripuan larri zaurituriko gaztea ere. 20 urte zituen. Istripu larria gertatu zen atzo Azpeitian: auto batek eta moto batek talka egin zuten, eta 22 urteko moto gidaria hil egin zen. Gi-2634 errepidean gertatu zen ezbeharra, Elgoibarrerako noranzkoan. 20 urteko auto gidaria larri eraman zuten erietxera, eta gaur jakinarazi dute zendu dela. Ertzaintzak zabalik du ikerketa, eta jakinarazi du lekuko bila dabilela zer gertatu zen argitzeko. Daturen bat eman dezaketen herritarrek 943-53 91 25 telefono zenbakira deitzeko eskatu dute.
2020-8-26
https://www.berria.eus/albisteak/186061/hezkuntzako-sindikatuek-neurriak-hartzeko-eskatu-diote-jaurlaritzari.htm
Gizartea
Hezkuntzako sindikatuek neurriak hartzeko eskatu diote Jaurlaritzari
Ikastetxeetara «modu seguruan itzultzea bermatzeko» eskatu dute ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk.
Hezkuntzako sindikatuek neurriak hartzeko eskatu diote Jaurlaritzari. Ikastetxeetara «modu seguruan itzultzea bermatzeko» eskatu dute ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk.
Ikasturte hasiera «segurua» bermatzeko neurriak hartzeko eskatzeko, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek ohar bateratu bat plazaratu dute. Maiatzean hasi ziren elkarlanean, eta, orain, klaseetarako aurrez aurreko itzulera langile eta haurrentzat «segurua» izan dadin, «mobilizazio dinamika» bat hasiko dute. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren kudeaketa «onartezina eta arduragabea» dela salatu dute, eta gehitu dute ikasturte hasierarekin lotuta «ziurgabetasuna» sortzen ari direla. Maiatzean, lau sindikatuek martxan jarri zuten eskoletara itzultzeko modu «seguru eta adostu» baten aldeko «dinamika», eta hiru eskaera egin zizkioten Hezkuntza Sailari. Funtsean, ikasturte hasiera eragileen eta sindikatuekin negoziatzeko eta ikasgeletako ratioak jaisteko eskatu zuten. Horretarako, beharrezkotzat jotzen dute zentroak baliabide «ekonomiko, pedagogiko, formakuntzazko eta pertsonalez» hornitzea. Salatu dute ez dutela Hezkuntza Sailaren erantzunik jaso. Ohar horretan, irizpide pedagogikoen garrantzia ere aipatu dute, eta adierazi dute beharrezkoa dela «ikasleen irakaskuntza prozesuak zein harremanek lehentasuna izatea» . Lau sindikatuek nabarmendu dutenez, eskaera horiek bete ezean, «hezkuntza guztirako mobilizazio dinamika bateratu bat» adostuko dute. Bestalde, Steilas sindikatuak elkarretaratze bat egingo du bihar Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, Publikoan, itzulera segurua eta aurrez aurrekoa lelopean.
2020-8-26
https://www.berria.eus/albisteak/186062/gurtzan-ospakizunetan-eta-ikuskizunetan-edukiera-apalduko-dute-nafarroan.htm
Gizartea
Gurtzan, ospakizunetan eta ikuskizunetan edukiera apalduko dute Nafarroan
Ospakizunetan, gehienez 75 lagun elkartu ahal izango dira leku irekietan, eta 35, berriz, leku itxietan. Gaueko aisiari dagokionez, itxita jarraituko dute diskotekek eta dantzalekuek.
Gurtzan, ospakizunetan eta ikuskizunetan edukiera apalduko dute Nafarroan. Ospakizunetan, gehienez 75 lagun elkartu ahal izango dira leku irekietan, eta 35, berriz, leku itxietan. Gaueko aisiari dagokionez, itxita jarraituko dute diskotekek eta dantzalekuek.
Nafarroako Gobernuak neurri murriztaileak hartu ditu zenbait eremutako edukierari dagokionez, COVID-19aren hedapena gelditu nahian. Besteak beste, gurtzarako guneak %75eraino bete zitezkeen orain arte, baina betetze maila %50era jaitsiko dute. Gainera, ospakizunetan —ezkontza zibiletan nahiz erlijiosoetan, eta bestelako ospakizunetan—, gehienez 75 lagun elkartu ahal izango dira leku irekietan, eta 35, berriz, leku itxietan. Edonola ere, mahai bakoitzean ezingo dira hamar pertsona baino gehiago elkartu, eta derrigorrezkoa izango dute maskara erabiltzea eta euren artean metro eta erdiko tartea gordetzea. Nafarroako Gobernuak gaur onartu du araudi berri hori, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzean sartuko da indarrean. Gaueko aisiari dagokionez, itxita jarraituko dute diskotekek eta dantzalekuek, eta ostalaritzako gainerako guneetan, berriz, orain arteko edukierari eutsiko diote; %75 leku itxietan eta %100 terrazetan. Ikuskizunen arloan ere badira berritasunak; zinema aretoetan, antzokietan, zirkuetan eta horrelakoetan %75 izango da gehieneko edukiera; leku itxi batean ikusleak 350 baino gehiago badira, eta irekietan 700dik gora, antolatzaileek txosten bat eskatu beharko diote Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari, hark erabaki dezan ea ekitaldiak beharrezko neurriak betetzen dituen. Orain arte, muga hori 500 zen leku itxietan, eta 1.000 irekietan. Erretiratuen zentroetan ere edukiera murriztuko dute; %75etik %50era. Gainera, edukiera kontrolatu ezin duten edo prebentzio neurriak bete ezin dituzten zentroak ez zabaltzea gomendatuko du gobernuak, aisialdirako ekitaldiak egiteko bada. Garraio publikoa Santos Indurain Osasun kontseilariak azaldu du birusaren hedapena moteltzea dela neurrion helburua, gaur egun batez beste ehun kasu eta 108 agerraldi daudelako: «Kopuru horietara iristean, oso zaila da jaistea, positibo bakoitzak hainbat pertsona kutsatzen dituelako; tamalez, erraza da esponentzialki gehitzea».
2020-8-26
https://www.berria.eus/albisteak/186063/erabakitzeko-eskubidea-babestuko-dute-gure-esku-k-eta-anck-frantziako-tourrean.htm
Politika
Erabakitzeko eskubidea babestuko dute Gure Esku-k eta ANCk Frantziako Tourrean
Irailaren 5eko ilunabarrean Freedom hitza argien bidez irudikatuko dute.
Erabakitzeko eskubidea babestuko dute Gure Esku-k eta ANCk Frantziako Tourrean. Irailaren 5eko ilunabarrean Freedom hitza argien bidez irudikatuko dute.
Euskal herritarrek eta katalanek mosaiko bat egingo dute irailaren 5ean Soudet gainean (Ereta, Biarno), herritarrek beren etorkizuna libre erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko. Ilundu orduko irudikatuko dute argien bidez Freedom hitza —askatasuna—, eta biharamunean Frantziako Tourraren 9. etapa handik igaroko dela baliatuko dute «nazioarteko komunitateari» mezu bat bidaltzeko: «Katalunian zein Euskal Herrian auzia bat eta bera da; herritarrek beren etorkizuna libre erabaki nahi dute, eta behin eta berriz eragotzi egiten zaie». Freedom ekinaldia Gure Esku-k, ANC Biltzar Nazional Katalanak eta Llum i Llibertatek antolatu dute elkarlanean. Egitasmoak oinarrian du Llum i Llibertateko kideek 2019an Montserraten egin zuten ekintza, baita ondoren Gure Eskuk Euskal Herriko hamaika tokitan egindako Argi Dugu Bidea egitasmoa ere. Freedom-ek euskal herritarren eta katalanen arteko elkarlanean «mugarri» izan nahi du; «aurrerantzean elkarrekin egin nahi dituzten urratsen aurrekari». Ekinaldian parte hartzeko, aurrez izena eman beharko da Gure Esku-ren web orrialdean. Horrez gain, irailaren 5ean nork bere maskara eraman beharko du, baita linterna edo frontala ere. Hitzaldia Bilbon Horrez gain, ANCko presidente Elisenda Paluzie Bilbon izango da datorren ostegunean, hilak 3. Hitzaldi bat emango du 18:30ean, Bizkaia Aretoan, Independentismo katalana Espainiako Estatuaren errepresioaren aurka izenburupean. Aurrez aurreko solasaldia izango da, baina lekua mugatuta egongo da. Gainera, egun horietan Paluzie alderdi politiko, sindikatu eta gizarte eragile ugariekin batzartuko da.
2020-8-26
https://www.berria.eus/albisteak/186064/lehen-txertoak-urte-amaierarako-egon-litezke-prest-illaren-arabera.htm
Gizartea
Lehen txertoak urte amaierarako egon litezke prest, Illaren arabera
Espainiako Osasun ministroak azaldu du negoziatzen ari direla Oxfordeko Unibertsitateko ikertzaileak garatzen ari diren txertoa eskuratzeko modua.
Lehen txertoak urte amaierarako egon litezke prest, Illaren arabera. Espainiako Osasun ministroak azaldu du negoziatzen ari direla Oxfordeko Unibertsitateko ikertzaileak garatzen ari diren txertoa eskuratzeko modua.
COVID-19aren aurkako txertoaren lehen dosiak urtea amaitu baino lehen hel litezke Hego Euskal Herrira, «dena ondo badoa», Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak adierazi duenez. Txerto hori Erresuma Batuko Oxfordeko Unibertsitateko ikertzaileek garatutakoa da, eta AstraZeneca botika etxeak saldutakoa. «Gauzak ongi egin behar ditugu, epeengatik: Europako adituek ikusi behar dute txerto horren egiaztatze faseek emaitza ona ematen dutela», azaldu du Illak La Sexta telebista katean eginiko elkarrizketa batean. Egun, txertoa garatzeko 2. eta 3. faseen artean daude ikerlariak, eta, horiek gaindituz gero, Illak uste du abendu amaierarako eskura leudekeela lehen dosiak. Edonola ere, gaineratu du beste lau txerto eskuratzeko akordioak «oso aurreratuak» dituztela, eta beste birekin edo hirurekin ere negoziatzen ari direla: «Datozen egunetan eman ahal izango dugu Europan itxiz doazen akordioen berri». Illak argitu du Europako ezein herrialdek ez duela txertatze planik martxan jarriko nahikoa berme ez badute botika agentzien aldetik, eta horiek «ebaluazio independente» bat egin behar dutela. Errusiak erregistratu zuen SARS-CoV-2aren aurkako lehen txertoa, duela bi aste. Vladimir Putin presidenteak ziurtatu zuenez, Errusiak aurkeztutako txertoa «eraginkorra» da, beharrezko proba guztiak gainditu ditu, eta birusaren aurkako «immunitate iraunkorra» lortzeko bidea zabalduko du. Horrekin zuhur azaldu zen, ordea, Osasunaren Mundu Erakundea; arretaz hartu zuen albistea. Esan zuen Errusiako txertoak ere erakundeak ezartzen dituen azterketak pasatu beharko dituela, gainerakoen antzera. «Aurrerapausoak azkartzeak ez du zalantzan ipini behar segurtasuna», esan zuen Tarik Jasarevic OMEko bozeramaileak.
2020-8-28
https://www.berria.eus/albisteak/186065/ubera-etengabean-segitzen-du.htm
Kirola
Ubera etengabean segitzen du
Orio zerbaitegatik ezaguna bada, arraun munduan duen historia eta ospeagatik da. Oriotarrek txikitatik jaso izan dute arraunarekiko zaletasuna eta sentimendua, askori zirrara edota sufrikarioa sortzeraino. Arraunak inguratu du herria, eta haren bueltan eratu dira familiak.
Ubera etengabean segitzen du. Orio zerbaitegatik ezaguna bada, arraun munduan duen historia eta ospeagatik da. Oriotarrek txikitatik jaso izan dute arraunarekiko zaletasuna eta sentimendua, askori zirrara edota sufrikarioa sortzeraino. Arraunak inguratu du herria, eta haren bueltan eratu dira familiak.
Jaiotzatik dute emana arrauna Orion (Gipuzkoa). 6.000 biztanleko herri txiki bat izanik ere, belaunaldiz belaunaldi transmititu eta errotu da kirol hori, eta hala gertatzen da oraindik ere.Horia kolore berezia bezain handia da oriotarrentzat, eta horiak ordezkatzen du arraunarekiko duten grina, arima, sentimendua eta harrotasuna. 55 urte dira Orio Arraunketa Elkartea eratu zenetik, baina mende bat baino gehiago lehen bandera irabazi zuenetik. 1901ean astindu zuen lehenbizikoa, eta, ordutik, garaipen handiz josi du bere historia, oriotarrei zirrara sorrarazteraino. Oriok loria eman dio arraunari, baita arraunak Oriori ere. «Txiki-txikitatik jaso dugu arraun- zaletasuna; sen berezia daukagu». Antonio Camposen adierazpena da (Orio, Gipuzkoa, 1942). Hura izan zen Orio Arraunketa Elkarteko lehen presidentea. 1965eko maiatzean sortu zuten kluba, Tradizioa galdu gabe, olinpismorantz lelopean. Hain zuzen, Camposek eta enparauek apustu serioa egin zuten. Ordura arte, Oriok garaipen sorta ederra zuen tosta finkoan, «baina arraunketa finkoa alde batera utzi, eta munduan egiten zen arraun modalitatea bultzatu genuen: aulki mugikorra». Haren esanetan, elkarteak hartutako erabakiak herrian ez zuen harrabotsik sortu, alderantziz baizik: «Herria erabat identifikatuta zegoen Orioko klubarekin, eta elkarteak hazten jarraitu zuen». 1968an eta 1969an, Nazioarteko Estropadak jokatu ziren lehen aldiz Orion, eta arraunzaleek parada izan zuten Oxford eta Cambridgen gisako talde entzutetsuak Oria ibaian lehian ikusteko. Orioren izena, apurka-apurka, Europan hedatuz zihoan, eta arraun munduan egiten ziren aurrerakuntzak txertatuz joan ziren, hala arlo teknikoan, nola entrenamendu saioetan. «Ordura arte, entrenamenduek estropada batek bezainbeste irauten zuten», dio Camposek. Handik aurrera, goitik beherako iraultza egin zuten. Tosta finkoan lortzen ziren garaipenek, ordea, gehiago mugitzen zioten barrua herritarrari. 1970ean uretaratu zuten berriz ere trainerua, eta Camposek gogoan dauka zer gertatu zen Kontxako Banderako lehen jardunaldian: «Estropada hasi aurretik, beroketa saioa egin, eta bost minutuko serie bat egin zuten, ikuslearen harrigarri». Oriok, Juan Lizarralde Altxerri patroi zela, 45 segundo atera zizkion Lasarteri, bigarren sailkatuari. Duela 50 urteko estropada hura mugarria izan zen, Camposek dioenez: «Oriotarrei irabazteko, haiek egindakoa egin behar da». Irabazi ala galdu Herrian bandera bat berezia eta maitatua bada, Kontxako Bandera da hori. Donostiako palmaresean, goi-goian dago Orio: 33 bandera irabazi ditu 32 gizonezkoek eta bat emakumezkoek. Arraunlariek eta zaleek garrantzi handiagoa ematen diote oraindik Kontxako Banderari ligako tituluari baino. «Herri honetan, Kontxako Bandera bizi egiten da. Eguna gertu ahala, herritarrek gero eta galdera gehiago egiten dizkizute, eta arraunlari guztiok beti esaten dugu: 'Ea noiz irabazten dugun'». Unai Etxeberria (Orio, Gipuzkoa, 1988) arrauna odolean daraman beste herriko seme bat da, 2008tik San Nikolas ontzian urte gehien daramatzan harrobiko arraunlaria. Etxeberriak 2010ean izan zuen aukera bandera preziatu hori irabazteko, baina bigarren geratu ziren, esku hutsik. Muturreko sentimendua sortzen du horrek herrian. «Bigarren postuarekin inor ez da gogoratzen; irabazlearekin bakarrik gogoratzen dira. Lehen, dena zen irabazi edo galdu; orain, herritarrek ulertzen dute lan handia egin behar dela bandera irabazteko, taldeen arteko lehia handia baita». Etxeberriak 2017an jaso zuen saria, Kontxako lehen bandera irabazita. «Nire ibilbideko une gogoangarrienetako bat da», atera zaio barrutik. Arraunlari oriotar batek izan dezakeen jomugarik handiena etxeko ontzi nagusian arraun egitea da: «Txikitatik daukazun ilusioa da lehen taldean jokatzea. Edozer egiteko prest zaude hor goian egon ahal izateko». Etxeberriak 2008an egin zuen jauzi lehen taldera. «Ordutik, denetik bizi izan dut: momentu onak zein txarrak». 2011ko denboraldia gurutze-bidea izan zen Oriorentzat. Gogora ekarri du zer gertatu zen. «Maila nagusitik jaitsi ginen, eta oriotarrok kolpe handia hartu genuen». Mundua gainera etorri zitzaion, baina txapeldun izaera duen talde batek gaitasuna du berriz ere jaikitzeko, eta Oriok zer esanik ez. 'Alironak' egiten du berezi Oriok arraunean duen historiaz gain, bada beste zerbait herriari bizia eta kolorea emateaz gain, berezi egiten duena: alirona, arraunlariei egiten zaien harrera. Ainhoa Gozategik dioenez (Orio, Gipuzkoa, 1970),«Herritarrok udaletxeko plazatik balkoira begira egoten gara, arraunlariek bandera nola astintzen duten ikusten. Herriko txarangak plaza alaitzen duela, haurrei begiratzen diet tarteka, eta, seguruenik, pentsatuko dute: 'Egunen batean hor goian egongo banintz...'. Orion, arraunlariak idoloak dira». Musikak baino gehiago, arraunak inguratzen du Gozategiren familia. Haren aita urteetan ibili da klubean bati zein besteari laguntzen, isilean; senarra, Ibon Urbieta, arraunlari olinpikoa izandakoa da; eta hiru seme-alabak arraunlariak ditu. «Arraunaren arabera egiten ditugu planak; asko baldintzatzen digu bizitza, baina, gustuko lekuan, aldaparik ez», aitortu du. «Hori bai, majo sufritzen dugu»|. Familian arrauna hain errotua egonik, Gozategi ere estropuan kateaturik geratu zen. Garai hartan, ordea, aulki mugikorrean aritzea beste aukerarik ez zuten emakumeek. 90eko hamarkadatik aurrera hasi ziren lehen urratsak egiten: bateletik trainerilletaraino. Traineruan aritzea, baina, «oso urrun» ikusten zuten. «Burutik ere ez zitzaigun pasatu traineruan ibiliko ginenik», harik eta, 2010ean, emakume multzo bat elkartu, eta trainerua uretaratu zuten arte. «Ametsa egia bihurtu genuen». Behetik gorako bilakaera Egitasmoa indarrez jarri zen martxan, jakinda azpitik ilusioz bazetozela arraunlari gehiago, besteak beste, Itziar Olasagasti (Orio, Gipuzkoa, 1989), egun, eskarmentu handiena duen etxeko arraunlaria. «Aurretik, Tolosan eta Getarian ibilitakoa nintzen, baina herriko taldean trainerua atera beharra zegoen. Ilusioz ekin genion abenturari». Oinarri sendo bat ezartzea zen lehen helburuetako bat, eta, pixkanaka-pixkanaka, harrobiko sokatik tiraka, lehiatzeko talde bat osatu zuten. Joan den astean bete ziren hamar urte lehen bandera irabazi zutenetik. 2013tik aurrera, Euskotren ligan eta Kontxako Banderan lehiatu da Orio. «Agian, espero baino denbora gehiago behar izan dugu onenekin egoteko. Izan ere, guk hobetzen genuen heinean, aurkariak ere hobeagoak ziren», dio Olasagastik. Urteetako lanaren fruitua iritsi zaie, ordea. Iaz, Kontxako Banderako eta ligako txapeldunak izan ziren, eta herrian ere haien oihartzuna zabaltzen ari da. «Eskertzen da herritarrek gu agurtzea. Horrek esan nahi du badagoela erantzun bat Orioren partetik». Olasagasti bat dator emakumeek ikusgaitasun gehiago dutela arraunean beste kiroletan baino. «Zortedunak gara telebistan ateratzen garelako. Aurreiritzi guztien gainetik, goitik emakumeen aldeko apustua egin da».
2020-8-26
https://www.berria.eus/albisteak/186066/27-herrialdetako-36-film-lehiatuko-dira-niffen.htm
Kultura
27 herrialdetako 36 film lehiatuko dira NIFFen
Irailaren 3tik 5era egingo dute Nafarroako Nazioarteko Zinema Jaialdia, bigarrenez, Iruñean.
27 herrialdetako 36 film lehiatuko dira NIFFen. Irailaren 3tik 5era egingo dute Nafarroako Nazioarteko Zinema Jaialdia, bigarrenez, Iruñean.
NIFF Nafarroako Nazioarteko Zinema Jaialdiak gaur ezagutarazi du zer lan lehiatuko diren jaialdian. Sail Ofizialean 36 pelikula izango dira, hamar ataletan banatuta: Migrazioak, Feminismoak, LGTBI+, Planeta, Desgaitasunak, Buru osasuna, Miszelanea, Animazioa, Biran eta Nafarroatik. Azken horretan, lau zuzendari nafarrek euren lanak proiektatuko dituzte: David Ilundainek Uno para todos izeneko filma eramango du, Lucia Guerrok La piel fina, Raul de la Fuentek Woman eta David Seronek El abrazo del Pirineo. Osotara, zinema sozialeko 1.000 minutu proiektatuko dituzte, dohainik. Meliton estudioak antolatzen du jaialdia, Nafarroako Gobernuaren eta Iruñeko Udalaren laguntzarekin. «Aurtengoa jaialdiaren hazkundearen ikur izango da, proiektua lurraldean errotzen ari dela erakutsiko duena», adierazi du Joaquin Calderon Meliton estudioko bultzatzaile eta jaialdiko zuzendariak, gaur, aurkezpenean, Iruñean. Egungo krisi testuinguruan, jaialdiak «Nafarroako ikus-entzunezkoen sektorea dinamizatuko duen motorra» izan nahi duela azpimarratu du; «herrialdea talentuaren eta sormenaren sustatzaile bihurtuko duen erakusleihoa». Nafarroako Gobernuak herrialdean ikus-entzunezko sorkuntza bultzatzeko zenbait neurri hartu ditu azken urteetan —pizgarri fiskalak, esaterako—, eta NIFF jaialdia ere helburu horren barruan kokatzen da; hori ziurtatu du Izaskun Goñi, Enpresa Politika, Nazioarteko Proiekzio eta Laneko zuzendari nagusiak: «Nafarroarentzat aukera bikaina da gure erkidegoak ikus-entzunezko sektoreari egiten dion ekarpena eta bere talentua ikustarazteko; herrialdea nazioarteko ikus-entzunezko sektorearen mapan kokatzeko». Lanak gaiaren arabera aukeratu dituzte, eta ez iraupenaren edota generoaren arabera; hori da jaialdiaren berezitasuna, Calderonen hitzetan: «Zerbait kontatzen duten pelikulak dira, bihotzera iristen direnak». Proiekzioak hiriko bost tokitan izango dira: Andre Maria Erreginaren katedralean, Kondestablearen jauregian, Nafarroako Antzerki Eskolan, Baluarte auditoriumean eta Katakrak liburu dendan. Hautatutako filmetako zuzendariek 10.000 euro eskuratu ahal izango dituzte sarietan. Jaialdia ixteko ekitaldian jakinaraziko dituzte irabazleak: irailaren 5ean, 20:30ean, katedralean. Pelikulez gain, azpi-sailetako bakoitzeko gai nagusiak lantzeko mahai inguruak ere antolatu dituzte. Proiekzio guztiak Internet bidez Hautatutako filmak ez ezik, Meliton estudioak Oliver Laxe zuzendariarekin antolatu dituen tailerrean sortutako lanak ere erakutsiko dituzte, bai eta berrogeialdian egindako filmen saio bat ere, besteak beste. Erakusketa bat ere antolatu dute: Flavita Banana artista espainiarraren ilustrazioak eta binetak Baluarten izango dira ikusgai irailaren 4tik 30era. Edukierak murriztuak izango dira eta higiene neurriak ere hartuko dituzte. Ez da sarrerak aldez aurretik eskuratzeko aukerarik egongo; tokiak bete arte onartuko dituzte ikus-entzuleak. Baina berrikuntza gisa, emanaldi guztiak Internet bidez jarraitu ahal izango dira, zuzenean.
2020-8-27
https://www.berria.eus/albisteak/186091/nba-etenda-wisconsingo-hilketa-arrazisten-aurkako-protestan.htm
Mundua
NBA, etenda Wisconsingo hilketa arrazisten aurkako protestan
Jacob Blake afro-amerikarrari tiro egin zion polizia identifikatu dute. Presidenteorde izateko hautagaitza onartzeko ekitaldian, «legea eta ordena» ezarriko dituztela agindu du Mike Pencek.
NBA, etenda Wisconsingo hilketa arrazisten aurkako protestan. Jacob Blake afro-amerikarrari tiro egin zion polizia identifikatu dute. Presidenteorde izateko hautagaitza onartzeko ekitaldian, «legea eta ordena» ezarriko dituztela agindu du Mike Pencek.
Igande arratsaldean, polizia batek zazpi alditan egin zion tiro bizkarrean Jacob Blake gizon afro-amerikarrari, eta larri zauritu zuen. Erasoa salatzeko atera dira ordutik Kenoshako kaleetara. Astelehenean, etxeratze agindua ezarri zuen Kenoshako Polizia Departamentuak; iluntzeko zortzietatik aurrera ezin dira kalera atera. Dena den, protestak areagotu egin dira, kalean nahiz beste esparru batzuetan. Astearte goizaldean, gazte batek tiroz hil zituen protestan ari ziren bi lagun. Besteak beste, oihartzuna izan du Milwaukee Bucks saskibaloi taldeak bart gauean Orlando Magics-en aurka jokatu behar zuen partida boikotatu izana. Jokalariek beroketa lanak egin zituzten, baina, partida hasi baino minutu batzuk lehenago, aldageletara joan eta ez ziren kantxara irten. Taldeak berak argitaratu zuen oharra, jokalarien izenean: nabarmendu dute, Blakeren eta protestetan hildako bi pertsonen aurkako tiroketak direla-eta, euren arreta ezin dela saskibaloian egon, eta justizia eskatu dute Blakerentzat, bai eta justizia sistema erreformatzeko ere. Jokalariak eurak atera ziren azalpenak ematera: «Nekatuta gaude hilketez eta injustiziaz», adierazi zuen George Hill jokalariak. Partida hori bertan behera geratu ostean, atzo egitekoak ziren kanporaketako beste bi partida ere bertan behera utzi zituen NBA Ameriketako Estatu Batuetako saskibaloi ligak: Oklahoma City Thunder eta Houston Rockets taldeen artekoa, eta Los Angeles Lakers eta Portland Trade Blazers taldeen artekoa. Pence, «legea eta ordena» Kaleko protestek, ordea, ez dute etenik izan Kenoshan, eta gai horretaz hitz egin du bart gauean Mike Pence AEBetako presidenteordeak. Bart egin du kargu horretan jarraitzeko hautagaitza onartzeko ekitaldia, eta esan du indarkeria gelditu beharra dagoela: «Argia izango naiz: indarkeria geratu beharra dago, Mineapolisen, Portlanden eta Kenoshan. Legea eta ordena izango dugu AEBetako kaleetan». Bestalde, Josh Kaul Wisconsingo fiskalak identifikatu egin du Blakeri tiro egin zion polizia: Rusten Sheskey da, eta zazpi urte daramatza polizia lanean. Kaulek berretsi du zazpi aldiz egin ziola tiro, eta jakinarazi Sheskey eta harekin zeuden gainerako poliziak kargugabetu dituztela. Horrez gainera, Kenoshako Poliziak herenegun eginiko agerraldian jakinarazi zuen 17 urteko susmagarri bat atxilotu zuela, Poliziaren indarkeriaren aurkako manifestazioetan tiroka ekin ziona delakoan —bi lagun hil zituen—. Hilketa delitua egotzi diote.
2020-8-27
https://www.berria.eus/albisteak/186092/iriartek-jaurlaritzako-lehendakari-izateko-hautagaitza-aurkeztuko-du.htm
Politika
Iriartek Jaurlaritzako lehendakari izateko hautagaitza aurkeztuko du
Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak azaldu du «arduragatik» aurkeztuko dutela hautagaitza.
Iriartek Jaurlaritzako lehendakari izateko hautagaitza aurkeztuko du. Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak azaldu du «arduragatik» aurkeztuko dutela hautagaitza.
Gaur zortzi egingo dute Eusko Legebiltzarrean Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren inbestidura saioa, eta egun horretan bi hautagai aurkeztuko dira gutxienez; Iñigo Urkullu jarduneko lehendakari eta EAJren lehendakarigaia eta Maddalen Iriarte EH Bildukoa. Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak eman du indar subiranistaren Mahai Politikoaren erabakiaren berri, Onda Vascan emandako elkarrizketa batean. Esan du hauteskundeak egin zirenetik gogoetatu dutela gaiaz, eta baita astelehenean ere, Mahai Politikoan. «Erantzukizun politikoagatik» aurkeztuko dute Iriarteren hautagaitza; «alternatiba garela uste duten herritarrekiko arduraz. Erakusteko gobernatzeko beste modu batzuk daudela. Iriartek gobernantza eta gizarte eredu alternatibo bat ordezkatzen du». Otegik gaineratu du «norabidea aldatu» beharra dagoela, eta pandemiaz ikasi: «Politika publikoak egin behar dira, hezkuntza, osasuna, zaintzak... indartzeko». Izan ere, salatu du ikasturtea hastear dela eta «inork» ez dakiela nola hasiko den: «Ez dira irakasle gehiago kontratatu, ez dira ikasgela gehiago prestatu». Edonola ere, Iriartek ez dauka babes nahikorik lehendakari izateko. Elkarrekin Podemosek iragarri du ez duela babestuko EH Bilduren hautagaitza, eta abstenitu egingo dela inbestidura saioaren bozketan. Asteburu honetan hainbat komunikabidetan mintzatu dira Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko bozeramailea eta Pilar Garrido Ahal Dugu-ko koordinatzailea, eta biek ala biek baieztatu dute ez dutela Iriarteren alde bozkatuko. Esan dute ezkerreko gobernu bat eratzeko aukerarik ez dutela ikusten, eta «koherentziagatik» Elkarrekin Podemosek ez duela aurkeztuko lehendakarigairik. Urkulluren hautagaitzaren alde ere ez dute egingo Elkarrekin Podemoseko sei legebiltzarkideek. Eusko Legebiltzarreko inbestidura saioari begira ziurra den bakarra da EAJk Iñigo Urkulluren hautagaitza aurkeztuko duela. Eta ezusterik ezean, hura aukeratuko dute lehendakari. Aurreko bi inbestidura saioetan ez bezala, lehen bozketan eta gehiengo osoz aukeratuko dute, gainera. Izan ere, jeltzaleek eta sozialistek aise gainditzen dute gehiengo osoa: 31 eserleku ditu EAJk eta hamar PSEk, eta Urkulluk bi taldeen sostengua izango du lehendakari izateko.
2020-8-27
https://www.berria.eus/albisteak/186093/gobernu-akordioa-lortu-dute-eajk-eta-pse-eek.htm
Politika
Gobernu akordioa lortu dute EAJk eta PSE-EEk
Bi alderdien esanetan, akordioaren helburua izango da «ekonomia eta enpleguaren sorrera suspertzea, zerbitzu publikoen eta gizarte publikoen defentsan oinarrituta eta autogobernu zabalago eta hobea lortzea xede». Bi alderdien barne organoek berretsi behar dute orain hitzarmena.
Gobernu akordioa lortu dute EAJk eta PSE-EEk. Bi alderdien esanetan, akordioaren helburua izango da «ekonomia eta enpleguaren sorrera suspertzea, zerbitzu publikoen eta gizarte publikoen defentsan oinarrituta eta autogobernu zabalago eta hobea lortzea xede». Bi alderdien barne organoek berretsi behar dute orain hitzarmena.
EAJk eta PSE-EEk gobernu akordio bat lortu dute datorren legealdirako. Bi alderdietako zuzendaritzak gaur batzartu dira. Orain, hitzarmen hori berrestea falta da: jeltzaleen Biltzar Nazionala astelehenean bilduko da oniritzia emateko, eta sozialistek kontsulta bat egingo dute militanteen artean. Bi alderdiek argitaratutako ohar bateratuaren arabera, akordioaren ardatz nagusiak dira «ekonomia eta enpleguaren sorrera suspertzea, zerbitzu publikoen eta gizarte publikoen defentsan oinarrituta eta autogobernu zabalago eta hobea lortzea xede». Zehazki, hiru baldintza eta lau ardatz adostu dituzte gobernuaren jardunerako; aurrenekoei dagokienez, baldintzen artean jaso dituzte herritarren osasuna bermatzea eta «ekonomia eta enplegua suspertzea, pandemiaren aurreko mailak berreskuratzeko, baina erronka eta behar berrietara egokituta». Horrez gain, nahi dute «inor ere atzean ez uztea gizarte kohesionatu batean herrialdeko inbertsiorik onenentzat jotzen diren parametroetako bakar batean ere». Hori horrela, 2016an osatutako akordioa berrituko dute bi alderdiek. Programari buruzkoa da akordioa, eta hemendik aurrera gobernuaren osaketa izango dute zehazteko. Ikusteko dago bi alderdiek nola kudeatuko dituzten desadostasunak. Autogobernuaren alorrean, azken legealdian ez dira bat etorri jeltzaleak eta sozialistak, eta espero da oraingoan ere 2016an adostutako formulari eustea; alegia, desadostasun adostu gisa uztea gaia, eta alderdi bakoitzak askatasuna izatea Eusko Legebiltzarrean bere jokabidea defendatzeko. Gaur bi alderdiek argitaratutako oharrak 2016ko akordioan jasotako eduki bera dakar: «Autogobernua eta Gernikako Estatutua osorik bete dadila defendatu behar dugu, eta estatutu-itun berri bat lortu behar dugu hurrengo belaunaldiarentzat». PSEk martxan jarri du militantziaren akordioari buruzko iritzia galdetzeko prozedura. Galdeketa bat egingo du, eta afiliatuek botoa eman ahal izango dute igandean eta astelehenean, telematikoki (20:00ak arte), eta, aurrez aurre, astelehenean bertan; bozkaleku bakoitzak ezarriko du bere ordutegia. «PSE-EEk Euskadiren gobernabiderako akordio bat lortu du EAJrekin. Babesten al duzu akordio hori? Bai / Ez», dio galderak. PSE-EEko eta alderdiaren gazte antolakundeko 5.000 kide baino gehiago daude boto ematera deituta. Gaur zortzi egingo dute Jaurlaritzako lehendakaria aukeratzeko saioa Eusko Legebiltzarrean, eta bihar amaituko da saio horretarako hautagaitzak aurkezteko epea. Hain justu, EH Bilduk gaur goizean jakinarazi du indar subiranistak Maddalen Iriarteren hautagaitza aurkeztuko duela, «erantzukizun politikoagatik».
2020-8-27
https://www.berria.eus/albisteak/186094/sestaoko-hainbat-pcr-probak-positibo-faltsua-eman-dute.htm
Gizartea
Sestaoko hainbat PCR probak positibo faltsua eman dute
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak barkamena eskatu diete akatsak eragindako herritar guztiei.
Sestaoko hainbat PCR probak positibo faltsua eman dute. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak barkamena eskatu diete akatsak eragindako herritar guztiei.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez, Sestaon (Bizkaia) hainbat PCR probatan emandako positiboak faltsuak izan ziren, akats batek eragindakoak. Osasun Sailaren hitzetan, «PCR proba sorta batean akats tekniko bat egin ondoren, proba horiek kutsatu egin ziren, eta horrek positibo faltsu batzuk eragin zituen. Ondoren, Osakidetzako laborategiek egin zuten kalitate prozesuan, akatsa antzeman zen, eta, beraz, gaur bertan jakinarazi dute». Osasun Sailak eta Osakidetzak barkamena eskatu diete egoera horrek erasandako pertsona guztiei.
2020-8-27
https://www.berria.eus/albisteak/186095/bilketan-egingo-diren-kontratazioen-berri-emateko-agindua-dauka-sektoreak.htm
Ekonomia
Bilketan egingo diren kontratazioen berri emateko agindua dauka sektoreak
Eusko Jaurlaritzak sasoikako langileen kontratazioa adierazteko betebeharra ezarri du, langileen kopurua eta haien bizilekua ezagutzeko; PCR probak egin beharko balira, beharrezkoa da informazio hori.
Bilketan egingo diren kontratazioen berri emateko agindua dauka sektoreak. Eusko Jaurlaritzak sasoikako langileen kontratazioa adierazteko betebeharra ezarri du, langileen kopurua eta haien bizilekua ezagutzeko; PCR probak egin beharko balira, beharrezkoa da informazio hori.
Mahats bilketa eta patataren uzta jasotzea abiatuko dira irailean, eta nekazaritzako sasoikako langile asko etorriko dira, Arabara batik bat, Gasteizko gobernuaren eskumeneko lurraldeei dagokienez. Bada, administrazio horrek eta lehen sektoreak prebentzio neurri espezifikoak hartzea erabaki dute, COVID-19arekin kutsatzeko arriskua murrizteko. Bilketa horiek egin egingo direla bermatu nahi dute. Horregatik, Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako Sailak ezinbestekotzat jo du sasoikako lan eskariaren aurreikuspenak xehetasun handiagoz ezagutzea; helburua da «egin beharreko osasun probak (PCRak...) egoki kudeatzea». Horiek horrela, Osalanek protokolo zehatz bat garatu du bilketen jarduera arautzeko, «COVID-19ari eraginkortasun handiagoz aurre egiteko». Sasoikako langileak kontratatuko dituzten nekazaritza enpresetan ezarri beharreko jardunbidea zehazten du. «Bidenabar, langileei emandako bizitokietan ere langileen artean COVID-19ak eragindako transmisioa eta infekzioa prebenitzeko baliagarria izango da». Eskaera zehatz bat da protokolo horren funtsa, nolanahi ere: indarrean dauden kontratazioak eta langileak kontratatzeko aurreikuspenak adierazteko betebeharra dute enpresek, upategiek kasu gehienetan, kontratazioak zuzenean edo enpresa bitartekarien bidez eginda ere. Bada, langileek 2020ko nekazaritza kanpainetan duten enpleguari buruzko erantzukizunpeko adierazpenak egin beharko dituzte, eta gutxienez zazpi egun balioduneko epean jakinarazi beharko dituzte, Jaurlaritzaren agindu hori argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; alegia, abuztuaren 31etik irailaren 8 arteko epea dago. Informazio hori aurrez aurre edo elektronikoki aurkeztuko da, eta web helbide honetan eskuratu ahal izango da. Aurrez aurre eginez gero, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren bulegoetan aurkeztuko dira zuzenean adierazpenak.
2020-9-2
https://www.berria.eus/albisteak/186096/laquoeuskaraz-hitz-egingo-duenraquo-jaurlaritza-bat-eskatu-dute-390-kazetarik-baino-gehiagok.htm
Gizartea
«Euskaraz hitz egingo duen» Jaurlaritza bat eskatu dute 390 kazetarik baino gehiagok
«Berdintasun defizit bat zuzentzeko helburuarekin», sailburu eta arduradun euskaldunak izendatzeko eskea egin diote «datorren Eusko Jaurlaritza osatu behar duen arduradun nagusiari».
«Euskaraz hitz egingo duen» Jaurlaritza bat eskatu dute 390 kazetarik baino gehiagok. «Berdintasun defizit bat zuzentzeko helburuarekin», sailburu eta arduradun euskaldunak izendatzeko eskea egin diote «datorren Eusko Jaurlaritza osatu behar duen arduradun nagusiari».
394 kazetari euskaldunek eskaera argia egin diote Eusko Jaurlaritzari: euskaraz lan egin eta informatu ahal izan dezaten, Jaurlaritzako hurrengo arduradunak euskaldunak izan daitezela. Gaitasunean eta kalitatean ere jarri dute arreta: «Ez dira aski euskarazko adierazpen irakurriak edota ardura gutxiagoko ordezkarien euskarazko bozeramailetza behartuak». Nabarmendu dute arduradunen «betebeharra» dela informazioa eta zehaztasunak euskaraz ematea, baita kazetarien galderei euskaraz erantzutea ere. Euskal Herri osoko komunikabideetako kazetari euskaldunek izenpetu dute Euskaraz hitz egingo duen Jaurlaritzaren aldeko manifestua, eta abuztuaren 27an aurkeztu dute, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak eta Maite Artola Euskadi Irratiko esatariak irakurri dute adierazpena. Bertzeak bertze, BERRIA, Argia, Jakin, Gara, Hamaika Telebista, Naiz, Gaztezulo, Elhuyar, Euskal Telebista, Euskadi Irratia, Eitb.eus, El Diario Vasco, Radio Euskadi, Naiz Irratia, Pikara Magazine, Eldiario.es eta euskarazko tokiko komunikabide anitzetakoek eman diote atxikimendua —zerrenda osoa, hemen—. Manifestuan adierazi dute «berdintasun defizit bat zuzentzea lortzeko helburua» dutela eskaerarekin: «Ezaguna da euskaraz lan egiten dugun kazetariok, euskaraz egite hutsagatik eta gure hizkuntzaren egoeragatik, urteetan iraun duen desberdintasun egoera batean ari garela lanean». Azaldu dute «herritar guztion ardura» dela euskara normalizazio «osora» eramatea, baina zeregin horretan «lehen mailako erantzukizuna» dutela erakunde publikoek. Arduradunen «betebeharra» Azpimarratu dutenez, «informazioa zorrotz, egoki eta zuzen» ematea da komunikazioan aritzen diren profesionalen «egitekoa», baita euskaraz jarduten duten profesionalena ere: «Horretan jartzen dugu gure lan, indar eta gogo osoa: gure irakurleei, entzuleei eta ikusleei lehen mailako informazioa helaraztea dugu helburu». Nabarmendu dute, gainera, egungo «une historikoan inoiz baino beharrezkoagoa» gertatu dela komunikabideetako profesionalen lana: «Oinarrizko jarduera da gurea, eta garrantzi ezinbesteko horren jakitun landu behar ditugu albisteak, egiazkotasunez eta eraginkortasunez». Zehaztu dutenez, funtzio hori bete ahal izateko, kazetariei «ezinbestekoa» zaie «notiziaren sorburura, protagonistengana eta arduradunengana jotzea». Arduradun horiek ere badituzte «betebeharrak», ordea: «Iritzi publikoari informazioa eta zehaztasunak ematea. Eta hori bi hizkuntza ofizialetan egitea». Galderen erantzunetan ere jarri dute arreta: «Kazetariaren betebeharra da galderak egitea; arduradun politikoen erantzukizuna, berriz, horiei erantzutea. Baita euskaraz ere». Hori ez da hala gertatzen, ordea, manifestuaren sinatzaileen ustez. Hain zuzen, «euskarazko adierazpen irakurriak edota ardura gutxiagoko ordezkarien euskarazko bozeramailetza behartuak» ez direla «aski» salatu dute: «Ez dira aski euskaraz ari garen komunikabideetako profesionalontzat, eta, batez ere, ez dira aski informazioa euskarazko komunikabideetatik jasotzen duten herritarrentzat». Hala, hori berriro gerta ez dadin eta «euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizko legea onartu eta 38 urtera», heldu den Eusko Jaurlaritza osatu behar duen «arduradun nagusiari» galdegin diote «euskaraz hitz egiten duten» sailburu eta arduradunak izenda ditzala: «Euskaraz hitz egingo duen Jaurlaritza zor zaio euskal kazetaritza profesionalari. Euskaraz hitz egingo duen Jaurlaritza zor zaie herritarrei».
2020-8-27
https://www.berria.eus/albisteak/186097/beste-hiru-egoiliar-zendu-dira-bizkaian.htm
Gizartea
Beste hiru egoiliar zendu dira Bizkaian
Azken astean hamabi egoiliar zendu dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Beste hiru egoiliar zendu dira Bizkaian. Azken astean hamabi egoiliar zendu dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Koronabirusaren ondoriorik muturrekoenak pairatzen ari dira zahar etxeetako egoiliarrak. Birusa gogor sartu da zentro horietan: hainbat kutsatze izateaz gain, heriotzak ere eragin ditu. Azken sei egunetan, bederatzi egoiliar zendu dira. Arabako Foru Aldundiak atzo jakinarazi zuen Zuiako zahar etxe bateko egoiliar bat hil zela gaitzaren ondorioz. Zentro horretan, 25 positibo atzeman dituzte egunotan, eta kutsaturik zegoen egoiliarretako bat da zendu zena. Halaber, gaur beste hiru heriotzen berri eman du Bizkaiko Diputazioak: hiru egoiliar zendu dira azken orduetan Bizkaian gaitzaren eraginez. Udako agerraldiak hasi zirenetik, Arabako zahar etxeetako lehen heriotza da atzokoa. Bizkaian 10 egoiliar zendu dira azken astean, eta Gipuzkoan beste bat. Gainera, hilaren 15ean beste egoiliar bat hil zen Donostian. Zahar etxeetako kutsatzeak nabarmen igo dira egun gutxian. Bizkaian, esaterako, hilaren 9an hiru egoiliarrek zuten gaitza; orain berriz, 120 dira. Atzeman diren kasu gehienak, halere, asintomatikoak dira, eta prebentzio gisan eginiko PCR probetan detektatu dituzte. Araban, 33 kasu daude une hauetan; horietatik 24 Zuiako zahar etxean. Gipuzkoan, apalagoak dira kasuak: sei positibo daude Donostiako zahar etxe batean; Nafarroan, aldiz, hamasei kasu atzeman dituzte Tuterako zentro batean. Beraz, agintariek jakinarazi dutenaren arabera, gaur egun 175 egoiliarrek dute gaitza Hego Euskal Herrian. Birusak ez die, ordea, egoiliarrei soilik eragiten, zahar etxeetako langileen artean ere badira kasu ugari. Bizkaian, 89 langilek eman dute positibo COVID-19aren proban eta beste 77 bakarturik daude. Gipuzkoan, azken datuen arabera, hamazazpi langilek dute gaitza. Araban, gutxienez bi langile kutsatu dira azken egunetan, baina Foru Aldundiak ez du langileen egungo egoeraren datu zehatzik eman, eta Nafarroako Gobernuak ere ez ditu datu horiek jakinarazi. Bestalde, osasun langileak PCR probak egiten ari dira Busturialdeko zentro soziosanitario guztietan. Izan ere, Gernikan (Bizkaia) agerraldi bat dago iragan astetik, eta kasuak nabarmen ugaritu dira inguru hartan. Bizkaiko Foru Aldundiaren esanetan, 600 langile ingururi egingo dizkiete testak asteburuan zehar. Intzidentziak ere ugaritu egin dira Donostian eta Lasarte-Orian (Gipuzkoa), eta, horrenbestez Gipuzkoako Foru Aldundiak erabaki du zahar etxe batzuetako bisitak bertan behera uztea hamar egunez: Lasarte-Oriako Atsobakar eta Donostiako Aldakonea, La Paz eta Alai-Etxe zahr etxeetan.
2020-9-2
https://www.berria.eus/albisteak/186098/manifestua-eta-sinatzaileak.htm
Gizartea
Manifestua eta sinatzaileak
Hainbat hedabidetako 394 kazetarik izenpetu dute manifestua. Zabalik dago atxikimendua emateko aukera.
Manifestua eta sinatzaileak. Hainbat hedabidetako 394 kazetarik izenpetu dute manifestua. Zabalik dago atxikimendua emateko aukera.
Euskaraz hitz egingo duen Jaurlaritzaren aldeko manifestua Manifestu hau sinatzen dugunok Euskal Herri osoko komunikabideetako kazetari euskaldunak gara, eta ondorengoa adierazi nahi dugu berdintasun defizit bat zuzentzea lortzeko helburuarekin: Ezaguna da euskaraz lan egiten dugun kazetariok, euskaraz egite hutsagatik eta gure hizkuntzaren egoeragatik, urteetan iraun duen desberdintasun egoera batean ari garela lanean. Herritar guztion ardura da euskara normalizazio osora eramatea, baina zeregin horretan lehen mailako erantzukizuna daukate erakunde publikoek. Informazioa zorrotz, egoki eta zuzen ematea da komunikazioan ari den profesional ororen egitekoa. Baita euskaraz dihardugun profesionalona ere. Horretan jartzen dugu gure lan, indar eta gogo osoa: gure irakurleei, entzuleei eta ikusleei lehen mailako informazioa helaraztea dugu helburu. Une historikoak ari gara bizitzen hilabete hauetan. Inoiz baino beharrezkoagoa gertatu da komunikabideotako profesionalon lana. Oinarrizko jarduera da gurea, eta garrantzi ezinbesteko horren jakitun landu behar ditugu albisteak, egiazkotasunez eta eraginkortasunez. Funtzio hori bete ahal izateko, kazetariari ezinbestekoa zaio notiziaren sorburura, protagonistengana eta arduradunengana jotzea. Arduradun horien betebeharra da, berriz, iritzi publikoari informazioa eta zehaztasunak ematea. Eta hori bi hizkuntza ofizialetan egitea. Kazetariaren betebeharra da galderak egitea; arduradun politikoen erantzukizuna, berriz, horiei erantzutea. Baita euskaraz ere. Euskaraz behar dugu informazioa, besteak beste, pandemiak eragindako azken neurriei buruz informatzeko, ezusteko gertakarien ondoko ekinbide ofizialak jakinarazteko eta hartzen diren erabakien berri gizarteari emateko. Ez dira aski euskarazko adierazpen irakurriak edota ardura gutxiagoko ordezkarien euskarazko bozeramailetza behartuak. Ez dira aski euskaraz ari garen komunikabideetako profesionalontzat, eta, batez ere, ez dira aski informazioa euskarazko komunikabideetatik jasotzen duten herritarrentzat. Horregatik, Eusko Legebiltzarrak 1982an Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizko Legea onartu eta 38 urtera, datorren Eusko Jaurlaritza osatu behar duen arduradun nagusiari eskatzen diogu euskaraz hitz egiten duten sailburu eta arduradunak izenda ditzala. Euskaraz hitz egingo duen Jaurlaritza zor zaio euskal kazetaritza profesionalari. Euskaraz hitz egingo duen Jaurlaritza zor zaie herritarrei. Atxikimenduak emateko helbidea: sailburueuskaldunak@gmail.com SINATZAILEAK Aiaraldea komunikabidea: Txabi Alvarado Bañares Aitor Aspuru Saez Izar Mendiguren Cosgaya Aiurri: Jon Ander Ubeda Goikoetxea Ainhoa Gil Ugartemendia Ainhoa Arotzena Gabirondo Olatz Lasa Arrillaga Xabier Lasa Bergara Alea: Mirian Biteri Estitxu Ugarte Lopez de Arkaute Anakoz Amenabar Mikel Buruaga Anboto: Aitziber Basauri Gandiaga Maialen Zuazubiskar Gallastegi Jone Guenetxea Arrinda Ekaintza Herrera Azkarraga Aritz Maldonado Zabala Argia: Onintza Irureta Azkune Mikel Garcia Idiakez Jon Torner Zabala Gorka Bereziartua Mitxelena Estitxu Eizagirre Kerejeta Urko Apaolaza Avila Jenofa Berhokoirigoin Hirigarai Amaia Lekunberri Ansola Zigor Olabarria Oleaga Xabier Letona Biteri Lander Arbelaitz Mitxelena Axier Lopez Barren: Ainara Argotia Arano Ainhoa Andonegi Alonso Asier Orbea Ostolaza BERRIA: Lander Muñagorri Garmendia Mikel Lizarralde Okina Jon Fernandez Jakes Goikoetxea Izagirre Julen Etxeberria Sabino Ainhoa Oiartzabal Azketa Uxue Gutierrez Lorenzo Jokin Sagarzazu Edu Lartzanguren Iker Tubia Barberia Ane Eslava Serrano Ion Orzaiz Galarza Unai Zubeldia Arruabarrena Urtzi Urkizu Jon Ordoñez Garmendia Jone Bastida Alzuru Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria Gorka Berasategi Otamendi Iosu Alberdi Atxurra Mikel Peruarena Ansa Aitor Manterola Mikel Rodriguez Landa Jone Arruabarrena Ainhoa Larretxea Agirre Garikoitz Goikoetxea Arantxa Iraola Gotzon Hermosilla Imanol Magro Eizmendi Iñigo Astiz Natalia Salazar Orbe Maite Asensio Lozano Arantxa Elizegi Egilegor Patxi Huarte (Zaldieroa) Julen Aperribai Jon Olano Urain Amagoia Mujika Tolaretxipi Iñaki Etxeleku Joana Ibargarai Joanes Etxebarria Ainize Madariaga Oihana Teyseyre Koskarat Enekoitz Telleria Sarriegi Maddi Ane Txoperena Iribarren Edurne Begiristain Iturritxa Ekhi Erremundegi Beloki Amagoia Mujika Tolaretxipi Martxelo Otamendi Egiguren Amagoia Gurrutxaga Uranga Iñaki Petxarroman Gutierrez Nagore Rodriguez Ainara Arratibel Gascon Igor Susaeta Jon Ander de la Hoz Itziar Ugarte Irizar Maider Galardi Fernandez de Agirre Irati Urdalleta Lete Gurutze Izagirre Intxauspe Eider Goenaga Lizaso Nagore Arin Andoni Imaz Bilbo Hiria Irratia: Ane Zabala Jabi Zabala Bizkaia Irratia: Izaskun Ellakuriaga Alfre Elgezabal Asier Txakartegi Rosi Guarrotxena Ainhoa Llona Mikel Astelarra Miren Ezkurra Eldiario.es: Iñigo Aduriz Mulas El Diario Vasco: Nerea Azurmendi Zabaleta Elhuyar: Bego Zubia Gallastegi Ana Galarraga Aiestaran Eitb.eus: Eider Jauregi Beñat Lizaso Garcia Idoia Alberdi Etxaniz Garazi Urdanpilleta Amiano Onintza Aiestaran Artetxe Unai Isusi Landaburu Gaizka Palacios Agirre Manu Gimenez Urkiola Itziar Urdanpilleta Luzia Zugadi Lasa Ane Santesteban Urrate Agurtzane Aramendi Mikel Domingez Ballesteros Itsaso Amezaga Arbizu Esan Erran Irratia: Itziar Perez Argomaniz Euskadi Irratia: Itziar Aranguren Sanz Beatriz Zabaleta Itxaso Martin Zapirain Eider Aranberri Javier Gonzalez Toston Maria Agirre Unzueta Garbiñe Uria Arruti Maite Alustiza Gorria Pilar Goia Amonarriz Mertxe Etxeberria Iparragirre Iratxe Etxebarria Ane Zuazubizkar Iñarra Urtzi Gartzia Goieaskoetxea Olaia Urtiaga Etxeberria Nagore Telleria Eizagirre Arantxa Arza Lasa Miren Altuna Izaro Insausti Barandiaran Amaia Portugal Gonzalez Oihane Perez Ibarguren Jon Artano Izeta Joxe Mari Apaolaza Ramon Santxez Zabaleta Xabier Murua Joxe Juan Ugalde Ordoki Maite Artola Sarobe Iñaki Guridi Ormazabal Iñigo Alustiza Gorria Manu Etxezortu Gari Udabe Pagola Jone Larrañaga Rodriguez Oihane Yustos Alejandro Gorka Otaegi Uriya Alba Cabrera Jauregi Imanol de la Varga Urzelai Zuriñe Etxebarria Arritxu Iribar Ane Albisu Xiker Esnal Altuna Iñaki Esnal Altuna Arantxa Agirre Etxeberria Tamara Ferrari Martinez Lierni Ibargutxi Gisasola Ainhara Zuazabeitia Alkorta Oihane Egurtza Indakoetxea Andoni Urbistondo Aranburu Lourdes Arrizabalaga Gereñu Unai Iradi Sarasola Ester Murelaga Sesma Mailu Odriozola Odriozola Jon Aizpurua Barandiaran Asier Fernandez Mindegia Amaia Eneterreaga Etxegia Eneritz Aulestia Mutiozabal Asier Odriozola Gonzalez Arantxa Irastorza Armendariz Igotz Alkorta Irastorza Eneritz Gorrotxategi Zuaitz Nekane Peñagarikano Mikel Rotaetxe Kerexeta Ainhoa Etxebeste Arruabarrena Maialen Arratibel Garcia Eusko Irratia: Urko Aristi Euskal Herria Irratia: Reyes Illintxeta Jimenez Pello Argiñarena Urriza Juan Kruz Lakasta Zubero Lohizune Amatria Zabalza Euskal Irratiak: Jose Luis Aizpuru Euskal Telebista: Oihane Malkorra Tolosa Ekain Pagola Lizarralde Maixa Lizeaga Sagarzazu Dani Martirena Indart Aiert Arieta-araunabeña Asporosa Xabier Madariaga Idirin Urtzi Urrutikoetxea Oihana Sarasola Mikel Iarza Agirregomezkorta Edu Mendibil Garate Elena Azpeitia Egaña Garbiñe San Miguel Larrañaga Andoni Arratibel Galarza Jon Ander Gorospe Xabier Zaldua Olabeaga Karmele Hernandez Andoni Basabe Iñaki Esnal Altuna Jon Asla Uria Xabier Urteaga Barriocanal Itziar Mena Sandonis Juanan Argoitia Urkiola Xabier Euzkitze Nerea Iriarte Okiñena Iñigo Lezertua Uranga Fermin Aramendi Arana Itsaso Muñoz Nerea Reparaz Klaudio Landa Iban Garate Joseba Elorza Yolanda Mendiola Aritz Legarreta-Etxebarria Eguskiza Juanan Legorburu Aranburu Alfontso Arroio Monasterio Koldo Aldalur Anartz Agirre Madariaga Ilaski Serrano Urkidi Xabier Andueza Xabier Usabiaga Iñigo Aiestaran Ibon Idigoras Miren Josu Arrazola Hernandez Araceli Loinaz Eizagirre Elisabet Zunzunegi Lasa Ainhoa Lendinez Garate Ibon Gaztañazpi Zaldua ...eta kitto!: Jose Luis Gorostegi Aranguren Ekhi Belar Errasti Silbia Hernandez Arrazola Ana Aizpurua Rubio Jose Luis Gorostegi Aranguren Gara / Naiz: Mikel Jauregi Artola Iñaki Iriondo Telleria Xole Aramendi Isidro Esnaola Herrero Ion Salgado Nagore Belastegi Martin Nerea Goiti Valle Ane Urkiri Ansola Ramon Sola Aiesa Iñaki Soto Nolasko Ruben Pascual Amaia Ugarte Rodriguez Oihane Larretxea Gaztea irratia: Julen Telleria Lopetegi Antton Telleria Lopetegi Ainhoa Vitoria Mondragon Egoitz Txurruka Gallo Alexander Padilla Lopez Gaztezulo: Gaizka Izagirre Brosa Jaione Dagdrommer Marques Ane Urrutikoetxea Bayon Goiena Komunikazio Taldea: Xabi Gorostidi Eneko Azurmendi Eneko Azkarate Uxue Igarza Maialen Santos Maider Arregi Jokin Bereziartua Xabi Urzelai Imanol Beloki Miren Arregi Itziar Larrañaga Larraitz Zeberio Mireia Bikuña Julen Iriondo Josu Bilbao Mirari Altube Iban Arantzabal Goiatz Arana Txomin Madina Goierriko Hitza - Goiberri: Loinaz Agirre Elkoroberezibar Arkaitz Apalategi Arin Andrea Aranburu Goienetxea Ane Garmendia Agirre Kerman Garralda Zubimendi Iñaki Gurrutxaga Cacho Aimar Maiz Morea Tere Madinabeitia Agirre Ariane Vierbucher Iturbe Asier Zaldua Urretabizkaia Guaixe: Alfredo Alvaro Igoa Maider Betelu Ganboa Hala Bedi irratia: Jon Hidalgo Naiara Perea Cuerda Koldo Sagasti Buruaga Gixane Moragues Saitua Aimar Gutierrez Bidarte Hamaika Telebista: Beñat Zarrabeitia Iker Elorriaga illera Iñaki Uria Ainara Ruiz Urizar Iker Aginaga Garcia Hik Hasi eta Hazi Hezi: Ainhoa Azpirotz Eizmendi Ainara Gorostizu Muxika Hiruka: Unai Brea Irutxuloko Hitza: Inaxio Esnaola Aranzadi Irati Salsamendi Lozano Iñaut Gonzalez de Matauko Rada Beñat Parra Rodriguez Nerea Lizarralde Rodriguez Maite Reizabal Arregi Jakin: Lorea Agirre Dorronsoro Xabier Eizagirre Miren Rubio Iturria Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitza: Lore Bengoetxea Ibazeta Asier Alkorta Bengoetxea Nerea Bedialauneta Alkorta Eider Mugartegi Urizarbarrena Larraitz Ibaibarriaga Etxaburu Olaia Zabalondo Dominguez Aintzina Monasterio Maguregi Oihana Cabello Elorriaga Ane Maruri Aransolo Naiz Irratia: Hegoi Belategi Pumar Oihana Azkue Sarasola Ainara Rodriguez Zalakain Iker Gurrutxaga Zubimendi Oinatz Aizpuru Lopez Maite Bidarte Eider Olazar Elduaien Ion Telleria Barrena Noticias de Gipuzkoa: Oihana Prado Jorge Napal Naiara Puertas Arantxa Lopetegi Algorta Arantzazu Zabaleta Noticias de Álava: Begoña Martin Alfonso Oarso-Bidasoko Hitza: Rebeka P. Ruiz Ikerne Zarate Gartziarena Erik Gartzia Egaña Imanol Saiz Gomez de Segura Olaia Gerendiain Ruiz de Gauna Urko Etxebeste Petrirena Pikara Magazine: June Fernandez Radio Euskadi: Idoia Jauregi Pikabea Galder Perez Goizalde Landabaso-Etxeberri Olatz Arriola-Bengoa Ortega Joseba Martin Matos Iñaki Larrañaga Aizpurua Imanol Manterola Beizama Mikel Saez Bañares Iratxe Martinez Lopez Mikel Arregi Askasibar Roberto Moso Radio Vitoria: Ismael Diaz de Mendibil Sustatu: Luistxo Fernandez Ttipi-Ttapa: Aitor Arotzena Albizu Nerea Bazterrika Loiarte Eneritz Iraola Odriozola Gurutze Pikabea Iribarren Tolosaldeko Ataria: Imanol Garcia Landa Naiara Roldan de Arangiz Jimenez de Aberasturi Rebeka Calvo Gonzalez Itzea Urkizu Arsuaga Jon Miranda Labaien Irati Saizar Artola Josu Artutxa Dorronsoro Leire Carrasco Vaz Iñigo Terradillos Gaztañaga Eneritz Maiz Etxarri Urolako Komunikazio Taldea: Onintza Lete Arrieta Aitziber Arzallus Elola Gorka Zabaleta Ihintza Elustondo Leunda Julene Frantzesena Zubizarreta Maria Maia Manterola Anartz Izagirre Zubimendi Amaia Urbieta Arruti Aiora Larrañaga Solaberrieta Maialen Etxaniz Cantos Olaia Juaristi Zabala Julen Imaz Rego Andoni Elduaien Soraluze Gorka Eizagirre Goikoetxea Nerea Uranga Bastarrika Zuzeu: Anartz Bilbao Loiola Beñat Hach Enbarek Irizar Amaia Rojo Sierra Ekoizpen etxeetan: Irati Sarasua Arabaolaza Fermin Etxegoien Uribeetxeberria Beste hainbat: Asier Perez-Karkamo Herran Leire Palacios Egiguren Onintza Enbeita
2020-8-27
https://www.berria.eus/albisteak/186099/milara-heldu-dira-positiboak-hego-euskal-herrian.htm
Gizartea
Milara heldu dira positiboak Hego Euskal Herrian
Tuterako lantegi batean agerraldi jendetsu bat izan da: 175 kasu detektatu dituzte.
Milara heldu dira positiboak Hego Euskal Herrian. Tuterako lantegi batean agerraldi jendetsu bat izan da: 175 kasu detektatu dituzte.
Positiboek goia jo dute Hego Euskal Herrian: zortziren bueltan ibili ziren orain arteko kopururik handienak, baina azken orduetan milara heldu dira, 1.017. Pandemia osoan zenbatu den kopururik handiena da. Herrialde guztietan igo dira kasuak, baina nabarmenena Nafarroako kasua da: 253 kasu izan dira han; atzo halako bi. Izan ere, Tuterako lantegi batean 175 kasu atzeman dituzte. Azken egunetan kasu batzuk agertu ziren hango langileen artean, eta 640 proba egin ostean detektatu dituzte kasuak. Beraz, testen %27 izan dira positiboak. Nafarroako Osasun Saila lantegi arduradunekin elkarlanean ari da ezarri beharreko neurriak adosteko, eta kutsatuen hurbileko kontaktuak lokalizatzeko; oldarraldia zabaldu ez dadin. Lan eremuan atzematen den tamaina horretako lehen agerraldia da. Halaber, Osasun Sailak esan du datuen «irakurketa bikoitza» egin behar dela. Batetik, egunero egin ohi diren probetan atzemandako 78 kasuak daude, eta, bestetik, lantegian atzemandakoak. Gobernuak azaldu du lantegian detektatutako kasuen artean Nafarroakoak ez diren kasuak daudenez, kasuon jatorria jakin bitartean, lantegitik kanpo atzemandako 78 kasuak bakarrik helaraziko dizkiola Espainiako Osasun Ministerioari. Aurreko egunetan ez bezala, azken orduetan Nafarroako Gobernuak ez ditu eremu geografikoaren eta adin tartearen araberako datuak eman. Izan ere, azken orduetako «errealitate bikoitz konplexuak» zaildu egin du informazio hori lortzea, Osasun Sailaren esanetan. Herrialdeka, Bizkaian, 365 kasu izan dira; Nafarroan, 253; Gipuzkoan, 243, eta Araban, 131. Erkidegotik kanpo 25 kasu atzeman ditu Jaurlaritzak. Herrialdeetako kasuak ugaritzeaz gain, hiru hiriburuetako kopuruak ere hazi egin dira. Bilbon, 165 kasu detektatu dituzte, atzo baino 53 gehiago; Donostian 114, 23 gehiago, eta Gasteizen, 115, atzo baino 32 gehiago. Donostian, izan ere, gaueko aisialdiarekin loturik agerraldi bat atzeman zuten iragan aste amaieran, eta kasu ugari atzeman dituzte asteon: bost egunetan 400 kasuren langa gainditu da hiriburu horretan (404). Oraintxe, Gernikan (Bizkaia) dago beste agerraldi nagusia. Ez-festekin loturik agerraldia izan da herrian, eta, atzo kasuak baretzen ari zirela zirudien arren, azken orduetan goia jo dute: 47 positibo detektatu dituzte. Ehun kasutik gora atzemanak dituzte oldarraldia detektatu zutenetik. Ospitaleratzeen berri ere eman dute Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak: 52 eri sartu dira ospitaleetara gaitzaren ondorioz azken orduetan. Hego Euskal Herriko erietxeetan 312 pertsona daude orain COVID-19aren eraginez; horietatik 39 ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan. Gipuzkoan, zabaltzen ari da birusa Bizkaian hedatu da gehien gaitza udako agerraldiak hasi zirenetik, eta eragina nabaria izan da hiriburuan ez ezik, inguruko herrietan ere. Gainerako herrialdeetan ere izan dira agerraldiak, baina intzidentziak apalagoak izan dira. Halaber, azken egun eta orduetan, birusa zabaltzen ari da Gipuzkoan ere. Azken zazpi egunetan, 1.124 kasu atzeman dituzte herrialdean: aurreko astean detektatu zirenak halako bi (549). Izatez, azken orduetan atzeman dituzte uda guztiko kopururik handiena: 243 kasu. Intzidentzia gehienak hiriburuan daude, gaueko aisialdiari loturiko oldarraldi bat atzeman baitzuten han iragan astean. Halaber, gainerako herrietara ere hedatu da gaitza, eta zenbait herritan bikoiztu eta hirukoiztu egin dira intzidentziak. Baliteke hiriburuko agerraldiak eragina izatea ere inguruko herrietako kasuen hazkundean. Irunen izan dira Donostiaren ondotik kasu gehien. Azken zazpi egunetan 67 positiboren berri eman dute: aurreko astean halako bi (31). Intzidentzia tasa, halere, txikia da oraindik: 1.000 biztanleko 111 kutsatzen dira. Handiagoa da tasa Lasarte-Orian: 1.000 biztanletik 265 kutsatzen dira. Astebeteko tartean herri horretan izan den kasuen gorakadarik esanguratsuenetarikoa izan da: azken zazpi egunetan 50 kasu zenbatu dituzte; aurrekoan bost. Errenterian ere antzekoa da egoera. Azken bi egunetan, bereziki, gora egin dute kutsatzeek: 27 kasu izan dira. Aste osoko datuei erreparatuz gero, 48 izan dira kasuak; aurreko astekoak halako bost (9). Zarautzen eta Hernanin ere igarri da gorakada. Zarautzen agerraldi bortitz bat izan zen uztailean, baina azken asteetan apalduak ziren kasuak. Egunotan, baina, ugaritu egin dira: 37 kasu izan dira zazpi egunetan, aurreko zazpietan, berriz, 12. Hernanin, intzidentziak oso urriak izan dira uztailean eta hilaren hasieran, baina, bikoiztu egin dira azken astean: 33 kasu izan dira, aurreko astean izan zirenak halako hiru ia (12). Tolosa, Pasaia eta Ordizia dira gorakadaren beste adierazleetako hiru. Tolosan bikoiztu ere egin dira kasuak aste batetik bestera: iragan astean bederatzi kasu izan ziren, eta azken zazpi egunetan, 23. Pasaian, modu apalagoan bada ere, igo egin dira positiboak. 15 ziren iragan astean, eta 22 oraingoan. Ordizian, azken orduetan nabarmena izan da hazkundea: atzo ez zen kasurik izan herrian, eta azken orduetan, aldiz, hamar kasu zenbatu dituzte. Aste osokoari begiratuta, aurreko astekoak kasuak halako lau izan dira: hamazazpi positibo atzeman dituzte azken zazpi egunetan; aurrekoetan lau.
2020-8-27
https://www.berria.eus/albisteak/186100/berlinalek-ez-du-genero-bereizketarik-egingo-sarietan.htm
Kultura
Berlinalek ez du genero bereizketarik egingo sarietan
Berlingo Nazioarteko Zinemaldiak datorren ediziotik aurrera Zilarrezko Hartz bana emango die aktorerik onenari eta taldeko aktorerik onenari.
Berlinalek ez du genero bereizketarik egingo sarietan. Berlingo Nazioarteko Zinemaldiak datorren ediziotik aurrera Zilarrezko Hartz bana emango die aktorerik onenari eta taldeko aktorerik onenari.
Berlinale Berlingo Nazioarteko Zinemaldiak jakitera eman duenez, datorren urtetik aurrera interpretaziorik onenaren sari bakarra emango du, genero bereizketarik egin gabe. Orain arte gizonezko aktorerik onenaren eta emakumezko aktorerik onenaren sariak ematen ziren, baina, datorren ediziotik aurrera, interpretaziorik onena saritzeko Zilarrezko Hartz bat emango zaio aktoreri onenari, eta Zilarrezko beste Hartz bat taldeko aktorerik onenari. Carlos Chatrian eta Mariette Riessenbeck zinemaldiko zuzendariek adierazi dutenez, «sariak generoaren arabera ez banatzea, hain zuzen, zinemaren industrian generoari ematen zaion trataeraren inguruan kontzientzia handiagoa izatearen seinale da». Sari banaketan egingo den aldaketaz gain, hurrengo edizioan hartuko diren beste neurri batzuk azaldu dituzte zuzendariek. Izan ere, 71. edizioa aurrez aurrekoa izango dela baieztatu dute, eta COVID-19a dela eta, une horretan aplikatu beharreko arau eta baldintzen arabera egingo da, «gonbidatu guztientzat ahalik eta segurtasun handiena bermatuz». Antolatzaileen arabera, «datozen asteetan» zehaztuko dira jaialdiaren egituran izango diren doikuntzak, filmen programazioa eta gonbidatutako filmen kopurua. Hala ere, zenbait erabaki jakinarazi dituzte dagoeneko. Esate baterako, gazteentzako eta haurrentzako zinemaren sailean film luzeak baino ez dira aurkeztuko —aurreko edizioetan film laburrak ere aurkezten ziren—; eta horrela, film kopurua murriztuko da. European Film Market (EFM) merkatu tradizionalean ere aldaketak ezarriko direla adierazi dute: «Eredu hibrido batean» egingo da, aurkezpen fisiko eta birtualak uztartuz. Berlinale jaialdia eta EFM merkatua 2021eko otsailaren 11tik 21era bitartean izango dira.
2020-8-27
https://www.berria.eus/albisteak/186101/bortxaz-desagertutakoentzat-justizia-eta-erreparazioa-eskatu-du-foro-sozialak.htm
Politika
Bortxaz desagertutakoentzat «justizia eta erreparazioa» eskatu du Foro Sozialak
Bortizkeriaz Desagertutako Biktimen Nazioarteko Eguna da etzi, eta Foro Sozialak Eusko Legebiltzarrari eskatu dio bestelako biktimen moduan desagertuak ere aintzat hartzeko. Oraingoz, zazpi kasu dituzte identifikatuta.
Bortxaz desagertutakoentzat «justizia eta erreparazioa» eskatu du Foro Sozialak. Bortizkeriaz Desagertutako Biktimen Nazioarteko Eguna da etzi, eta Foro Sozialak Eusko Legebiltzarrari eskatu dio bestelako biktimen moduan desagertuak ere aintzat hartzeko. Oraingoz, zazpi kasu dituzte identifikatuta.
«Euskal gatazkaren auziari lotuta, oraindik 482 kasu daude argitzeko, eta horietatik zazpi dira behartutako desagertzeenak». Tasio Agirrezabalaga Foro Sozialeko kideak eman du datua, Donostian, Nekane Alzelaiekin egindako prentsaurrekoan. Orain arte ahanzturan egondako gatazkaren ondorioei leku egin nahi die Foro Sozialak, eta bortxaz desagertutakoen kasuak argitan eman nahi dituztela jakinarazi dute. 2011z gero, Bortxazko Desagertzeen Biktimen Nazioarteko Eguna da abuztuaren 30a, eta, eguna gertu dela aitzakia hartuta, gaiaren gainean abian jarriko dituzten hainbat jarduera ezagutarazi dituzte. Besteak beste, Eusko Legebiltzarrari eskatu diote bere egiteko eguna, datorren urtetik hasita: «Gure ustez, ETAren biktima izandako legebiltzarkideekin eta estatuaren indarkeria pairatu dutenekin egiten den moduan, edo torturaren biktimak gogoratzeko egin den bezala, su ontzia jartzeak balio dezake zazpi biktima horiek oroitarazteko eta nolabait aitortzeko«, azaldu du Alzelaik. Foro Sozialak «biktima guztientzako egia, justizia eta erreparazio eskubidea» aldarrikatu du, eta galdegin du urraketa horiek «maila berean» aitortzeko. Datorren irailaren 3rako ere jarri dute hitzordua. Internet bidez egingo dute topaketa bat hainbat aditurekin. Desagertzeez arituko dira Nila Heredia Mediku eta aktibista —Boliviako Egiaren Batzordeko presidentea—, Maria Adela argentinarra, Judith Galarza Mexikoko Desagerrarazitako Senideen Elkarteen Latinoamerikako Federazioko idazkari nagusia eta Luz Marina Kolonbiako Desagertutako Pertsonak Bilatzeko Unitateko zuzendaria. Oroimenean ez galtzeko Ikuspegi «integrala» eskatu dute Foro Sozialeko bozeramaileek, eta Egiaren Batzordea martxan jartzeko deia egin dute. Lehentasunen artean, «zailtasun bereziak dituzten kasuak aitortzea eta konpontzea», eta «kasuak argitzea erraztu dezakeen informazioa biltzeko bermea» eskatu diete erakundeei. Desagertutako zazpiak zeintzuk diren ere zerrendatu dute: -Jose Humberto Fouz Escobero, Jorge Juan Garcia Carneiro eta Fernando Quiroga Veiga Coruñako (Galizia) hiru gazteak, Irunen (Gipuzkoa) bizi zirenak, Miarritze eta Donibane Lohitzune (Lapurdi) artean desagertu ziren 1973an. -Eduardo Moreno Bergaretxe, Pertur, Behobian (Lapurdi) desagertua, 1976ko uztailaren 23an. -Tomas Hernandez, Hendaian (Lapurdi) desagertua, 1979ko maiatzaren 15ean. -Jose Miguel Etxeberria Alvarez, Naparra, 1980ko ekainaren 11n desagertua. -Jean Louis Larre,1983ko abuztuaren 7an desagertua Leonen (Landak, Frantzia).
2020-8-27
https://www.berria.eus/albisteak/186102/irailaren-19an-hasiko-da-xilaba-banakako-txapelketa.htm
Kultura
Irailaren 19an hasiko da Xilaba, banakako txapelketa
Sekula baino parte hartzaile gehiago bilduko ditu aurtengo edizioak. «Bere fruituak eman ditu taldekako Xilabak».
Irailaren 19an hasiko da Xilaba, banakako txapelketa. Sekula baino parte hartzaile gehiago bilduko ditu aurtengo edizioak. «Bere fruituak eman ditu taldekako Xilabak».
Azken bi edizioetan taldeka egin zen Zuberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko Xilaba bertsolari txapelketa. Aurten, haatik, hasierako formatura itzuli eta banaka lehiatuko dira bertan parte hartuko duten 28 bertsolariak. Lurralde horretan zen «joera» baten irakurketaren ondorioz antolatu zuten taldekako Xilaba, gero horko parte hartzaileak banaka aritzeko «motibatuko» zirelako esperantzarekin. Bertsularien Lagunak Elkarteko lehendakari Xumai Murua Berrak eta Ortzi Idoate sustapen arduradunak lan horren emaitza nabarmendu dute taldekakoan «lehen urratsak» eman dituzten bertsolari gazte batzuen parte hartzea azpimarratuz. Horrez gain, garai batez bertsolaritzatik «pixka bat urrundu» zen jendea oholtza gainera berriz iganen dela ohartarazi dute. Jende berria, beraz, bai bertsolari eta baita epaileen taldean ere. Hala, aurtengo kopuruak eta aurpegi berriak ikusirik, afixak elkartearen ibilbidea irudikatzen du. «Afixako irudiak olatu bat irudikatzen du; zipriztintzen den olatu bat. Lurralde honetako bertsolaritzaren bilakaeraren irudi izan nahi du, erakusten du olatu bat handitzen dena eta tita horiek guztiak; bertsolari berri anitz ekartzen dituena». Eskolarteko txapelketan ere bertsolari anitz izan dela gehitu dute antolatzaileek. «Uste dugu ez dela kasualitatea hainbeste bertsolari izatea». Hortaz, hamar saiotan antolatu dute aurtengo txapelketa. Lehen kanporaketa irailaren 19an izanen da, Hiriburun (Lapurdi). Bigarrena, irailaren 26an, Urdiñarben (Zuberoa); ondokoa urriaren 3an, Ainhoan (Lapurdi,) eta azken kanporaketa urriaren 10ean, Larzabalen (Baxenabarre). Ondotik, final herenak urriko ondoko hiru asteburuetan jokatuko dituzte, eta final aitzinekoak azaroan —final herenetarako jada sailkatuak dira Miren Artetxe, Maddalen Arzallus eta Odei Barroso, eta final aitzinekorako, Amets Arzallus—. Azkenik, finala azaroaren 21ean izanen da, Donibane Lohizuneko Jai Alaian (Lapurdi). Herri horiei loturik, horretan ere berrikuntza azpimarratu dute Idoatek eta Murua Berrak. Lehen aldiz ari izanen dira herri batzuetan; bertso eskolak hasi berriak diren lekuak baitira, edo geroan bertso eskolak izan ditzaketen herriak direlako. Izan ere, koronabirusak sortutako egoera bazterrera utzi gabe, unean uneko neurriei egokituko direla erran dute: «Xilaba beti besta bat izan da guretzako, eta nahi dugu hala izan dadin. Gure eskuetan den guztia eginen dugu dena ahal bezain ongi joateko, neurriak errespetatuz». Hori kontuan harturik, saioetara hurbilduko direnei goizago etortzeko eskatu dute antolatzaileek. Saio guztiak 17:00ean hasiko dira, baina lehenagotik bertaratu beharko da.
2020-8-27
https://www.berria.eus/albisteak/186103/eaeko-auzitegi-nagusiak-babestu-egin-du-tabernak-gauez-ixteko-agindua.htm
Ekonomia
EAEko Auzitegi Nagusiak babestu egin du tabernak gauez ixteko agindua
Egungo egoeran neurria «proportzionala» dela azpimarratu du. Epaimahai bera ixtearen aurka azaldu zen abuztuaren 14an: azaldu du gisa horretako erabakiek «izaera dinamikoa» izan behar dutela, birusaren eboluzioaren araberakoak izan behar dutela.
EAEko Auzitegi Nagusiak babestu egin du tabernak gauez ixteko agindua. Egungo egoeran neurria «proportzionala» dela azpimarratu du. Epaimahai bera ixtearen aurka azaldu zen abuztuaren 14an: azaldu du gisa horretako erabakiek «izaera dinamikoa» izan behar dutela, birusaren eboluzioaren araberakoak izan behar dutela.
Bizkaiko eta Gipuzkoako ostalarien elkarteek jarritako salaketei erantzunez, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak babestu egin du gauez tabernak ixteko eta lokal horien segurtasun neurriak indartzeko Eusko Jaurlaritzak abuztuaren 19an kaleratutako agindua. Argudiatu du Osasun Sailaren neurria «arrazoitua» dagoela, azken egunetan izan diren koronabirus «foku ugariak» direla eta, besteak beste. Epaimahaiak aitortu du orain hartu duen irizpideak «kontraesanezkoa» irudi dezakeela. Izan ere, abuztuaren 14an sala berak Jaurlaritzaren antzeko debeku baten aurka egin zuen, ostalariei arrazoia emanez. Epaileek azaldu dute gisa horretako erabakiek «izaera dinamikoa» izan behar dutela, eta «birusaren kutsatze hedapenaren arabera» hartu behar direla. Azpimarratu dute Osasun Publikoko Zuzendaritzak kasu honetan emandako datuak «zehatzagoak» direla eta birusaren agerraldi gehiago jasotzen dituela. Ostalarien helegiteari erantzunez, onartu dute agerraldi horietako batzuk ezin direla zuzenean establezimenduei egotzi, baina azpimarratu dute «nabaria» dela kutsatze ugari gaueko aisialdian eta lokal asko biltzen diren eremuetan gertatu direla. «Ordu horietan jende asko biltzen da, eta zaila izaten dela kaleetatik ateratzea, zenbait herritan gertatu den bezala». Hori dela eta, Osasun Sailak adostutako neurriak egokiak direla uste dute. «Osasun arloko interes publiko batean gaudenez, kasu honetan pandemia batean, lehentasunezkotzat jo behar dira horri aurre egiteko neurriak, eta hartu direnak, oro har, birusaren hedapena kontrolatzeko helburuarekin proportzionalak dira», azpimarratu dute Luis Garrido, Javier Murgoitio eta Garbiñe Biurrun epaileek. Ostalariek, salaketaz gain, protestak egin dituzte, eta kezkatuta agertu dira euren etorkizunarekin.
2020-8-27
https://www.berria.eus/albisteak/186104/nora-filmaren-estreinaldiak-abiatuko-du-zinemira-saila.htm
Kultura
'Nora' filmaren estreinaldiak abiatuko du Zinemira saila
Aurtengo Zinemaldiko egitarauak 21 euskal ekoizpen bilduko ditu, hainbat sailetan banatuta. Horietatik hamahiru Euskal Zinemaren Irizar Saria lortzeko lehian ariko dira.
'Nora' filmaren estreinaldiak abiatuko du Zinemira saila. Aurtengo Zinemaldiko egitarauak 21 euskal ekoizpen bilduko ditu, hainbat sailetan banatuta. Horietatik hamahiru Euskal Zinemaren Irizar Saria lortzeko lehian ariko dira.
Hamalau film luze, hiru film labur, bi telesail, film ertain bat eta ekoizpen fasean dagoen proiektu bat dira Donostiako 68. Zinemaldian ikusgai izango diren euskal ekoizpenak. Denera, 21 lan dira, eta jaialdiko hainbat sailetan emango dituzte: besteak beste, Sail Ofizialean, Zuzendari Berriak sailean, Zabaltegi-Tabakaleran, Culinary Zineman eta Zinemiran. Euskaraz filmaatutako film batek inauguratuko du euskal ekoizpenei eskainitako Zinemira saila, Lara Izagirre (Zornotza, Bizkaia, 1985) zinemagilearen bigarren lan luzearen estreinaldiak, zehazki: Nora-k —aitona argentinarra galdu ostean, neska batek Euskal Herriko kostaldetik egingo duen bidaia kontatzen du—. Nora-rekin batera, beste euskarazko hiru fikziozko lan hartuko ditu Zinemaldiak denera: Zuzendari Berriak atalean, Ane (David Perez Sañudo) eta Hil Kanpaiak (Imanol Rayo) filmak; eta Zinemiran, halaber, Eugene Greenen (New York, AEB, 1947) Atarrabi et Mikelats, euskal mitologiako bi pertsonaiaren istorioa kontatzen duen lana. Lau lan horiez gain, beste bederatzik izango dute eskura Euskal Zinemaren Irizar saria. Zinemira sailera ekarriko du David Gonzalez Rudiezek ere (Bilbo, 1980) Talento bere laugarren lan luzea. Film komertzial bat egingo duen zinema zuzendari independente baten istorioa kontatzen du. 2018an, La noche nos lleva filmarekin izan zen Gonzalez Zinemira sailean. Asier eta Biok idatzi eta zuzendu ondoren, Non dago Mikel? dokumentalarekin dator Zinemaldira Amaia Merino (Donostia, 1970). Miguel Angel Llamasekin (Noain, Nafarroa, 1980) batera zuzendutako lana da, eta, 1985ean, Guardia Zibilak atxilotu, eta hogei egun geroago hilik azaldu zen Mikel Zabaltzaren desagerpena kontatzen du. Beste bi zuzendariren elkarlana da Caminho Longe, Josu Martinezena (Bilbo, 1986) eta Txaber Larreategirena (Donostia, 1986), hain zuzen. Alfontso Etxegarai ETAko militante ohiaren istorioa du hizpide filmak; Sao Tome eta Principeko Errepublika Demokratikoan urte askotan bizi ondoren, etxera itzultzeko bideari ekingo dio. Ekain Irigoienen (Donostia, 1981) Hijos de Dios filma ere erakutsiko du Zinemaldiak. Madrilgo kaleetan bizi diren etxe gabeko bi pertsonen istorioa kontatzen du. Natxo Leuzak (Iruñea, 1977), berriz, Enrique Villareal El Drogas musikariaren inguruko erretratu poliedriko bat aurkeztuko du. Zinemaldiko hainbat sailetan parte hartu du aurrez Telmo Esnalek (Zarautz, Gipuzkoa, 1967), eta, oraingoan, Urtzen filma aurkeztuko du Zinemiran. Pablo Azkueren kontakizun bat du oinarri lanak, eta irudien, elkarrizketen eta musikaren bidez existentziaren inguruan hitz egiten du. Pepe Andreu (Elx, Herrialde Katalanak, 1973) eta Rafael Moles (Castelló, Herrialde Katalanak, 1974) ere jaialdian izanak dira lehenago. 2018an, Lau Haizeetara Dokumentalen Koprodukzio Foroan izandako proiektua baita aurten aurkeztuko duten Lobster Soup filma. Islandiako kafetegi berezi bateko bezeroak dira pelikulako protagonistak. Zinemira sailean, baina lehiaketatik at erakutsiko dira Olmo Figueredoren (Sevilla, Espainia, 1980) El estado contra Pablo Ibar sei kapituluko telesail-dokumentala eta Aitziber Olaskoagaren (Getxo, Bizkaia, 1980) Jo ta ke film ertaina. Oroimenaren inguruko hausnarketa egiteko, Herrera de la Manchako (Ciudad Real, Espainia) kartzelara bidaia bat egiten du azkeneko lan horrek. Baita beste sail batzuetan ere Zinemaldiak aurrez iragarritako beste euskal ekoizpen batzuk ere izango dira ikusgai jaialdiko hainbat ataletan. Zuzendari Berriak saileko bi lanez gain, Sail Ofizialean, Pablo Agueroren Akelarre emango dute; eta Culinary Zineman, berriz, Asier Altunaren Arzak Since 1897 dokumentala. Lau ekoizpen horiek ere Irizar Saria eskuratzeko lehian ariko dira. Bestalde, Zabaltegi-Tabakaleran bi euskal ekoizpen erakutsiko dituzte: Laida Lertxundiren Autoficción eta Marina Palaciosen Ya no duermo film laburrak, hain zuzen. Made in Spain sailean, berriz, Paula Cons Varelaren (Coruña, 1976) La isla de las mentiras ikusi ahalko da. Halaber, Euskal Zinemaren Gala egingo da irailaren 22an, Viktoria Eugenia antzokian, eta Bizimina film laburra estreinatuko dute bertan. Migueltxo Molinak (Iruñea, 1978), Pablo Iraburuk (Iruñea, 1969) eta Jon Maiak (Errenteria, Gipuzkoa, 1977) zuzendutako lana da. Galan bertan aurten ere Zinemira saria eta euskal zineman izandako ibilbidea aitortzen duen ohorezko saria banatuko dira. Irailaren 23an, aldiz, David Perez Sañudok zuzendutako Alardea telesailaren estreinaldia izango da EITB Galan. Irungo eta Hondarribiko alardeetan emakumeak izandako parte hartzea aztertzen du lanak. Azkenik, Arantza Santestebanek (Iruñea, 1979) ekoizpen fasean dagoen 918 gau proiektua aurkeztuko du jaialdiko WIP Europa atalean. Ikusmira Berriak egitarauaren barruan sortutako proiektua da.
2020-8-28
https://www.berria.eus/albisteak/186105/irudia-bainoago-istorioa.htm
Kultura
Irudia bainoago, istorioa
Bigarren film luzea estreinatzear da Lara Izagirre: 'Nora'. Munduko gauzarik ederrena iruditzen zaio kontakizunak idatzi eta kontatzera iristea, baina zinemaren industrian topatu duenak eragin dio kezkarik, eta inflexio puntu batean sumatzen zaio hizketarakoan. Istorioak kontatu nahi ditu, geruzak agertu. Filmetatik batez ere hori inporta zaiola erakusten du bere hautaketak.
Irudia bainoago, istorioa. Bigarren film luzea estreinatzear da Lara Izagirre: 'Nora'. Munduko gauzarik ederrena iruditzen zaio kontakizunak idatzi eta kontatzera iristea, baina zinemaren industrian topatu duenak eragin dio kezkarik, eta inflexio puntu batean sumatzen zaio hizketarakoan. Istorioak kontatu nahi ditu, geruzak agertu. Filmetatik batez ere hori inporta zaiola erakusten du bere hautaketak.
Telefonoz eta buruz defendatu du hautaketa. «Ez dut ordenagailua eskura, baina moldatuko gara». Eta ikusi gabe baina ikusten ariko balitz bezala da hitz egiten duenean. Hain zuzen, ikusi gabe ikusi ahal dituelako daude ondorengo lanak Lara Izagirreren (Zornotza, Bizkaia, 1985) film kuttunen zerrendan. Milurte honetakoak dira bostak, eta bere lehen film luzea ere sartu du sortan: Un otoño sin Berlín. Haren ostean, Nora bigarren lan luzea estreinatzear da orain Izagirre, Donostiako Zinemaldiko Zinemira sailean. Euskaraz egin duen lehen filma da, eta Ane Pikaza du protagonista. «Film argitsua da, Little Miss Sunshine-n modura», alderatu du. «Hitz egiten du bizitzako gauza politez eta ez hain politez; heriotza barne. Pelikula arin bat egin nahi nuen, aretotik irribarre batekin ateratzekoa. Eta taldekoak, behintzat, hala geratu gara». Zeri jartzen dion azpimarra, hor azaleratzen da nahi gabe zinemagilearen begirada. Hurbileko kontaera, film baliabideetan ez itsutzea, interpretazio distiratsua, harreman konplexuak... horiek dira Izagirreren gakoetako batzuk. Baita bidea topatzeko ahalegina ere: «Zuzendariak beren bidea aurkitzen ikustea gustatzen zait. Adibidez, Terrence Malickekin gertatu zitzaidana: haren pelikula guztiak ikusiak nituen; gero, El árbol de la vida egin zuen, eta esan nuen: 'Ados, egon da bizitza guztia prestatzen hau egiteko'. Ez da askotan gertatzen, baina gertatzen denean zoragarria da». Hamar urte dira aurten Gariza Films sortu zuela, eta zintzoki onartu du zein den irakaspen nagusia: «Orain oso-oso-oso zaila dela ekoiztetxe bat izatea, oso. Finantzaketan tentsio handiak daude, eta horren menpe jartzen duzu zure egonkortasun profesionala eta emozionala. Niretzat filmak egiteko prozesua, gidoia idatzi eta muntaketara arte, munduko gauzarik ederrena da, baina ikusi behar dugu nola bizi gaitezkeen hobeto maite duguna egiten. Uste dut badagoela zinema egiteko beste modu bat, baina aurkitu behar dut». Lanean segitzeko gogoa nabari baitzaio, zailtasunak zailtasun: «Eta hemendik sei lanetara, esango dugu: 'Begira, hau da Lararen El árbol de la vida». Maren Ade. 2016 «Pelikula hau zera iruditu zitzaidan... pasada bat». Barre txikiz aurreratu du: «Ez dakit oso konkretua izan ahalko naizen; dena aterako zait 'pasada bat', 'super ona'...». Garbi du, halere, zergatik egon behar duen zerrendan: «Ikusi nuenean konturatu nintzen denbora asko zela ez nuela halako gauza berezi bat ikusten. Iruditu zitzaidan garai hartan nik ikusten nituen pelikulen arauak apurtzen zituela». Istorioa garatzeko hartutako denbora (162 minutu) eta tonua nabarmendu ditu puskatzen sumatutako arau horien artean: «Nola jolasten den halako umore arraro batekin. Gogoan hartu, eta barre egiten dut». Komedia dramatiko bat baita ekoizpena, Maren Adenek orain arte egin duen azken lan luzea. Ines izeneko enpresariaren inguruan (Sandra Huller) ardazten da istorioa: Bukaresten kokatuta dagoen enpresa aleman batean egiten du lan, ordu asko eskainiz, eta apenas ikusten duen aitaren bisitak (Peter Simonisch) aldrebesten dio ordura arte hain ordenatua zirudien bizimodua. Nasaitu eta estutu, nasaitu eta estutu doa tentsioa hortik aurrera, eta filmaren amaiera aldera heltzen den sekuentzia bat hautatu du Izagirrek: Inesek lankideak gonbidatzen ditu etxera, bere urtebetetze festa ospatzera, baina biluzik irekitzen die atea gonbidatuei, eta festa hala izango dela iragartzen die. «Ikusi nuen eta esan: 'Benga! Zer gehiago egin dezake zinemagile honek?». Ikuslea interpelatu eta deseroso jartzeko modu hori azpimarratu du: «Ikuslea jartzen du bere buruari galdezka: 'Zer egingo nuke bere lankidea banintz? Kenduko nuke arropa? Etxera itzuliko nintzateke? Niretzat, ikusle modura, plazer bat da hori. Gutxitan gertatzen zait, baina batzuetan, zineman nago eta gogoa izaten dut zutitu eta, bravo, txalo jotzeko. Eta hori izan zen aldietako bat». Andrea Arnold. 2009 Andrea Arnoldek idatzi eta zuzendutako lana da Fish Tank, eta zinemagilea gertukotzat balu bezala mintzo da haren begiradaz Izagirre: «Andrea Arnold oso errealista da egiten dituen gauza guztietan, eta hori niri asko gustatzen zait. Baina, gero, errealismo horretatik atseden une batzuk hartzen ditu, eta halako parentesi batzuk sortu. Ordura arteko denbora-espazioa apurtzen du, oso modu sotilean». Hala erakusten duen pasarte bat hautatu du, hain justu. Denbora-espazioa lehenengo: Erresuma Batua, Mia izeneko 15 urteko nerabe batek (Katie Jarvis) amorruz eta desilusioz bizi du ingurua; etxea, lagunartea, auzoa. Ama mutil lagun berri batekin ateratzen hasiko da, eta neska ulertzeko ahaleginak egingo ditu hark; Mia mugituko du horrek. Eta badator parentesi-sekuentzia: laku batera doaz protagonista, ahizpa txikia, ama eta haren mutil laguna. Uretan sartu, eta gizonak lepo gainean hartzen du Mia. «Hor gauza oso interesgarri bat egiten hasten da soinuaren bitartez: errealitateko soinua ixten du (ahizpa, ura, paisaia guztia...), eta bakarrik haien arnasa entzuten dugu, aurrerago pelikulako beste une batean garrantzitsua izango dena». Eta fikziozko errealitate hori hartu eta uzteko modu leun horrekin geratzen da Izagirre: «Errealitate bat hain gordin erakutsita, badirudi ezin zarela joan modu sotil batean beste leku batera; baina berak hori egiten du, jauzi bat, eta gero itzuli egiten da, arazorik gabe». Zinemagintza ikasketak egitera New Yorkera joan zen garaiarekin lotzen du filma zuzendariak. Eskolakoekin ikusi zuen, eta klik egin zion zerbaitek. Talde oso plurala zela oroitu du, eta normalean gertatzen ez zen zerbait gertatu zela film honekin: «Lehen aldiz, guztioi gustatu zitzaigun». Eta ulertu zuen klik-a: ordura arte emakumeek zuzendutako film oso gutxi ikusi zituela ohartu zen, eta horrek fokua aldarazi zion. «New Yorken bazegoen bideoklub erraldoi bat, Kim's, eta han hasi nintzen emakume zinemagileen lan pilo bat ikusten». Ez da kasualitatea, bada, BERRIArentzat hautatutako lanek emakumezkoen sinadura eramatea. «Ez gara ohartzen, baina zinemari zinemaren erdia falta zaio», esan du, irmo. «Zinemak gizonen mundu bat erakusten digu oraindik. Gauzak aldatzen ari dira, baina niretzat gogorra izan zen konturatzea, emakume zinemagile bezala gainera, bakarrik erdi hori ikusten nuela. Hortik aurrera, bidea egiten goaz». Sofia Coppola. 2003 Izenburua aipatze hutsarekin atera zaio: «Hainbeste gustatzen zait pelikula hori...». 18 urterekin ikusi zuen, eta ez dio edonolako pisua aitortzen: «Benetan film honengatik planteatu nuen lehenengo aldiz zinema egin nahi nuela». Herriko lagunekin Zornotza aretora joaten ziren garaia ekartzen dio gogora. «Astebururo joaten ginen, edo bestela bideoklubetik hartzen genituen: 10 Things I Hate About You , eta maitasun erromantikoko kontu horiek. Hori da beti ikusten genuena». Hots, amaiera bera beti. Baina heldu zen Sofia Coppolaren bigarren filma, eta unibertso berri baterako atea zabaltzearen parekoa izan zen Izagirrerentzat. «Ordurako Spielberg eta beste erraldoi batzuk ezagutzen nituen, baina batek ere ez zuen lortu ni beste aldean kokatzea eta esatea: 'Nik ere hau egin nahi dut'». Tokion kokatzen da istorioa: zinemagile batek (Bill Murray) eta mutil lagunaren lanari segika heldu den neska gazte batek (Scarlett Johansson) elkar ezagutzen dute hotel batean. Norabidea galduta dirudite biek, eta konplize bihurtzen dira azkar. Hainbestetan ikusi du, ez daki zein pasarte hautatu: «Agian amaiera, Murray taxitik jaisten denekoa; edo karaokeko unea, edo tabernan ezagutzen direnekoa...». Harreman konplexu bat narratzeko trebezia goraipatzen du filmetik, baita sakoneko auzia nola agertzen duen ere: «Zer espero dugun bizitzatik, zer ez, noiz izan gaitezkeen zoriontsu espero ez dugunean, zer ematen digun halako ez-espazio batek...». Azken hori, batez ere: «Hori oso ondo egiten du Copolak: ingurune berezi batzuk sortzen ditu, arrotzak; giro bat non ez zauden etxean lasai. Ez-etxea oso ondo egiten du. Hori asko gustatzen zait». Jonathan Dayton, Valerie Faris. 2006 Zerrenda osoko lan ezagunena izango da ziurrenik Jonathan Dayton eta Valerie Farisen Little Miss Sunshine. Baita «komertzialena» ere, Izagirreren esanetan. Olive da pelikularen epizentroa, 7 urteko neskato bat, eta bere inguruan orbitatzen ageri dira familiako beste kideak: ama nekatu bat, bere buruaz beste egiten saiatu den osaba, motibatzaile profesionala izan nahi duen aita, pilotu izan nahi duen anaia daltonikoa eta heroina saltzeagatik zahar etxetik bota duten aitona. Filmari izena ematen dion edertasun lehiaketa batean parte hartzeko hautatzen dute Olive, eta bi eguneko bidaia hasten du familiak, Volkswagen Comi hori batean. Justuan, baina heltzen dira azkenean lehiaketara. Edertasun kanon orori segitzen dioten neskatoak topatu dituzte han, ordea, eta Olive hortik urrun egonik, gutxietsi egingo dutela beldur dira senideak. Baina bere lekua hartuko du agertokian, kantuan hasi eta antolatzaileak, izututa, kanporatzen saiatzen dira. Erantzuna: familia guztia igotzen da harekin dantzara. Eta horri jarri dio azpimarra Izagirrek, amaierari. «Oso gai latzak kontatzen ditu, baina dena da polita denbora guztian». Beste filmez aritzean ere atera den ideia da: gordinaren eta ederraren arteko uztarketan jartzen du begia. «Gustatzen zait bien arteko nahastea dagoenean. Lekua dagoenean ikusteko». Lanak familia moduko gai bati nola heltzen dion ere aupatzekoa iruditzen zaio. «Erakusten du, azkenean, saiakera bat beti egin behar dela, zer esanik ez umeen ametsak daudenean erdian». Interpretazioagatik ere maite du filma: «Neskatxo hau ikusteagatik bakarrik ere merezi du. Hori ipini dudan pelikula denetan: antzezpena denetan da oso-oso ona». Lara Izagirre. 2015 Bere lehen film luzearekin itxi du zerrenda Izagirrek, eta, aztertzen jarrita, besteetan azpimarratutako elementuak ere ikus daitezke berean. Interpretazioa bera, azkenetik hasteko. «Pelikularekin gertatu zitzaidan gauza politenetakoa izan zen [Jose Luis] Rebordinosek esan zidanean ea nondik atera nuen halako aktore puska. Hori niretzat oinarrietako bat da, beti: aktoreak euren lana super ondo egiten jartzea». Irene Escolar (June) zen aktore hura, Tamar Novasekin (Diego) batera, filmeko protagonista. Jaioterrira itzuli da, Diegoren ondora, bakartuta bizi den idazle gaztearengana. Baina alde egingo du, eta azken sekuentzia hori du kuttun berak: bost minutuko plano sekuentzia bat, June gertutik hartzen, autobuseko leiho alboan. «Plano finko bat, aktorea bere lana egiten. Ederra eta sakona da; uste dut ez dela behar beste ezer». Azken unean erabaki zuen hura grabatzea. Gidoian «June autobusean doa» baino ez baitzuen jartzen. Baina kamerak piztu, eta bakoitzak bere lekua hartzean, irekita aritzen dela dio, zinematografikoki proposatzen duen eskema «sinplea» izan ohi delako. Ez oso plastikoa. «Ez didate inoiz esango: 'Joe, Lara, zelako kamera mugimendua'. Niri hori ez zait interesatzen. Eta film hauetan ere ez dago halakorik: denak dira pertsonaietatik oso gertukoak, oso ondo komunikatzen dutenak gertatzen ari dena, baina barrutik. Badaude irudiarekin oso ondo jokatzen dakiten zinemagileak, baina niri, oro har, irudia zein polita den begira geratzeak atera egiten nau istoriotik».
2020-8-28
https://www.berria.eus/albisteak/186106/altsasuko-gazteen-aldeko-elastikoa-erakusteagatik-kanporatu-dute-etxebarria.htm
Kirola
Altsasuko gazteen aldeko elastikoa erakusteagatik kanporatu dute Etxebarria
Partida baten ondoren erakutsi zuen elastikoa, eta Granadak espedientea ireki zion orain hilabete. Kontratua eten dio orain.
Altsasuko gazteen aldeko elastikoa erakusteagatik kanporatu dute Etxebarria. Partida baten ondoren erakutsi zuen elastikoa, eta Granadak espedientea ireki zion orain hilabete. Kontratua eten dio orain.
Granada futbol taldeak kanporatu egin du Unai Etxebarria jokalaria (Getxo, Bizkaia, 1996). Taldea Europako Ligarako sailkatu zeneko ospakizunetan, Altsasuko gazte atxilotuen aldeko elastiko bat erakutsi zuen jokalariak, eta Granadak zigor espedientea ireki zion, talde politiko batzuek presio egin ondoren —Vox alderdiak, adibidez, neurriak hartzeko eskatu zion Granadari, eta alderdiak berak jakinarazi zuen Etxebarriari espedientea ireki ziotela—. Dosierra hasi eta hilabetera, taldetik kanpo utzi dute jokalari getxoztarra. BERRIAk baieztatu duenez, Altsasuko gazteen aldeko elastikoa erakusteagatik utzi du taldeak kontratua bertan behera. Granadako hedabide batzuek kirol gorabeherekin lotu dute Etxebarriak taldean ez jarraitzea; haien arabera, beste atezain bat fitxatu du Granadak, eta, hortaz, lekurik gabe geratu da getxoztarra. BERRIAk jakin duenez, ordea, kanporaketa zuzenean lotua dago elastikoaren aferarekin. Jokalariak ez du adierazpenik egin nahi izan. Granadaren bigarren taldean aritu da Etxebarria orain arte. Iaz iritsi zen taldera, Athleticek utzita. Lehen taldeko deialdian ere izan da partida batean baino gehiagotan, baina ez du jokatu. Beste urtebeterako kontratua zeukan oraindik, 2021eko ekainera artekoa, baina bertan behera uztea erabaki du taldeak.
2020-8-28
https://www.berria.eus/albisteak/186131/gose-greban-zen-ezkerreko-abokatu-bat-hil-da-turkian.htm
Mundua
Gose greban zen ezkerreko abokatu bat hil da Turkian
Ebru Timtik kartzelan zen, DHKP-C erakunde komunistaren aurkako prozesuetan espetxe zigor luzea ezarri baitzioten. Ospitalean hil da, Auzitegi Konstituzionalak aske uzteko eskaera atzera bota ondoren. Apirilaren 5ean hasi zuen gose greba beste abokatu batekin batera, epaiketa justu bat eskatzeko.
Gose greban zen ezkerreko abokatu bat hil da Turkian. Ebru Timtik kartzelan zen, DHKP-C erakunde komunistaren aurkako prozesuetan espetxe zigor luzea ezarri baitzioten. Ospitalean hil da, Auzitegi Konstituzionalak aske uzteko eskaera atzera bota ondoren. Apirilaren 5ean hasi zuen gose greba beste abokatu batekin batera, epaiketa justu bat eskatzeko.
Turkian gose greban dauden ezkerreko abokatuetako bat hil egin da: Ebru Timtik. Apirilaren 5etik zegoen gose greban, Aytac Unsal beste abokatu batekin batera. Biak Herriaren Lege Bulegoa (HKK) ezkerreko erakundeko abokatuak dira, eta otsailetik preso daude erakunde horretako beste kide batzuekin batera. DHKP-C erakunde komunistaren aurkako prozesuetan, zigor luzeak ezarri zizkieten abokatu horiei, Turkiako terrorismoaren kontrako legeak baliatuz, nahiz eta lekukoetako batek hainbat kontraesan izan. Hamahiru urteko zigorra ezarri zioten Timtiki «erakunde terrorista» bateko kide izatea leporatuta, eta epaiketa justu bat eskatzeko hasi zuten gose greba. Hainbatek salatu du abokatu gisa egindako lanagatik espetxeratu zutela Timtik. HKK erakundeak berak eman zuen atzo Timtiken heriotzaren berri. Ostegunean jakinarazi zuen bihotzekoa izan zuela, eta Istanbulgo Sadi Konuk Ospitalaren atarian biltzeko deia egin zion jendeari. Bi abokatuak euren borondatearen kontra ospitaleratu zituzten. Turkiako Auzitegi Konstituzionalak abuztuaren 14an ukatu egin zuen bi abokatuak aske uzteko eskaera. Ebatzi zuen ez zutela eskura informaziorik zioenik euren bizia arriskuan zegoela. Aurretik, ordea, Auzitegi Medikuntza Institutuak esana zuen bien egoera zela-eta ez zutela espetxean egon behar.
2020-8-28
https://www.berria.eus/albisteak/186132/bizimodu-amerikarra-defendatuko-duela-aldarrikatuz-onartu-du-trumpek-hautagaitza.htm
Mundua
«Bizimodu amerikarra» defendatuko duela aldarrikatuz onartu du Trumpek hautagaitza
Goizaldean amaitu da Alderdi Errepublikanoaren batzarra. Jarduneko estatuburuak lau urteotan egindako lana txalotu dute alderdikideek.
«Bizimodu amerikarra» defendatuko duela aldarrikatuz onartu du Trumpek hautagaitza. Goizaldean amaitu da Alderdi Errepublikanoaren batzarra. Jarduneko estatuburuak lau urteotan egindako lana txalotu dute alderdikideek.
Ezustekorik gabe amaitu da Alderdi Errepublikanoaren batzarra. Espero zen moduan Joe Biden hautagai demokrataren aurka egiteko baliatu du Donald Trump presidentegai errepublikanoak azken eguneko hitzaldia. Apenas aipatu dituen, ordea, AEBetan inoizko osasun krisirik larriena eragin duen pandemia eta Wisconsingo protestak —horien kasuan, «istiluak» soilik aipatu ditu Trumpek, horien atzean zer dagoen zehaztu gabe—. Aldiz, gogor jo du Bidenen kontra, eta ohartarazi haren alde bozkatuz gero «anarkia» izango dela nagusi AEBetan. «Hauteskunde hauetan erabakiko da ea bizimodu amerikarra defendatuko dugun, edota hura desegiten utziko diogun muturreko mugimendu bati». Aurkari demokratari egotzi dio pandemiaren aurrean «amore eman» izana, eta ohartarazi du hark irabaziz gero hondoratu egingo litzatekeela herrialdeko ekonomia; Trumpek nabarmendu du gainditu egingo dutela koronabirusa eta, orduan, bere gidaritzapean, «indartsuago» izango direla AEBak. Estatuburuak Etxe Zuria baliatu du kargu hartzearen hitzaldirako. Han, alderdiko milaka ordezkariz inguratuta onartu du hautagaitza. Haren aurretik, baina, beste hainbat alderdikidek hartu dute hitza, eta Trumpen aurkako kritikak gezurtatzeko baliatu dute beren mintzaldia, eta adierazi, besteak beste, jarduneko presidentea ez dela arrazista eta bere esku dagoen guztia egin duela pandemia geldiarazteko. Azaroaren 3an egingo dituzte AEBetan presidentetzarako hauteskundeak. Trumpek bigarren legealdia beteko luke horiek irabaziz gero; inkestek, ordea, oso lehia zaila aurreikusten diote; izan ere, zazpi eta bederatzi puntu arteko aldea ateratzen dio hautagai demokratak errepublikanoari. Bestalde, osasun krisia eta afro-amerikarren hilketen aurkako protestak direla-eta izan duen jarrerak bere aurkako kritikak ozendu ditu.
2020-8-28
https://www.berria.eus/albisteak/186133/japoniako-lehen-ministroak-dimisioa-emango-du-osasun-arazoak-direla-eta.htm
Mundua
Japoniako lehen ministroak dimisioa emango du, osasun arazoak direla eta
Shinzo Abek jardunean jarraituko du haren alderdiak ordezko bat izendatzen duen arte.
Japoniako lehen ministroak dimisioa emango du, osasun arazoak direla eta. Shinzo Abek jardunean jarraituko du haren alderdiak ordezko bat izendatzen duen arte.
Denen ahotan zebilen zurrumurrua berretsi du Shinzo Abe Japoniako lehen ministroak: «Nire osasun egoera ez da ona, eta osasun arazoek erabaki okerrak ekar ditzakete. Horregatik, lehen ministro karguari uko egitea erabaki dut». Gobernuburuak, hala ere, jardunean jarraituko du haren alderdia LDP Alderdi Liberal Demokratikoak beste buruzagi bat izendatu bitartean. Aberen osasun egoerari buruzko zurrumurruak indartu egin dira azken egunetan, lehen ministroa abuztuaren 17an eta joan den astelehenean erietxean izan zela zabaldu baita. Ez da lehen aldia buruzagi japoniarrak dimisioa ematen duena osasun arrazoiak medio. 2007an ere, lehen ministro kargurako izendatu eta urtebetera, kargua utzi behar izan zuen, hesteetako arazoak direla eta. Oraintxe, Taro Aso lehen ministrorde eta Ekonomia ministroak luke aukerarik handiena Abe ordezkatzeko.
2020-8-28
https://www.berria.eus/albisteak/186134/hipoteka-kopurua-66-hazi-da-ekainean-araban-bizkaian-eta-gipuzkoan.htm
Ekonomia
Hipoteka kopurua %66 hazi da ekainean, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan
Hilabete batzuetan behera egin ondoren, joera hautsi egin da, eta uda atarian 2.811 hipoteka egin dituzte bankuek eta bezeroek. Nafarroan, berriz, gainbeherak ez du etenik, eta iazko ekainean baino %36 gutxiago formalizatu dituzte.
Hipoteka kopurua %66 hazi da ekainean, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hilabete batzuetan behera egin ondoren, joera hautsi egin da, eta uda atarian 2.811 hipoteka egin dituzte bankuek eta bezeroek. Nafarroan, berriz, gainbeherak ez du etenik, eta iazko ekainean baino %36 gutxiago formalizatu dituzte.
Koronabirusak eragindako erabateko ziurgabetasunak geldialdi nabarmena eragin du etxebizitzen salmentaren merkatuan, 2020. urtean; baina Itxialdi Handiaren ondoren, merkatu horrek erakutsi du susperraldirako tartetxo bat izan dezakeela. Horrela islatu du etxebizitzen hipoteken berri ematen duen erakusleak, INEren bidez. Eusko Jaurlaritzako eskumeneko hiru lurraldeetan gorakada nabarmena izan da ekainean, iazko hil berean baino %66 hipoteka gehiago egin baitira. Guztira, 2.811 hipoteka adostu dituzte bankuek eta bezeroek, eta hipoteka horietan 366,8 milioi euro mailegatu dituzte entitateek, %50 gehiago. Hipoteka kopuruaren datua ez da nolanahikoa, martxoan (-%25,6), apirilean (-%16,7) eta maiatzean (-%35,9) harilkatutako jaitsierak eten dituelako, eta modu garbian, gainera. Etxebizitzen salmenta zertxobait suspertzen hasi dela pentsatzeko oinarria ematen duen datu hori ez da azaldu, ordea, Nafarroan. Han, 269 hipoteka egin dituzte, ekainean, eta bankuek 32,5 milioi euro mailegatu dituzte. Iazko ekainarekin alderatuz, %29 txikiagoa da kopuru hori.
2020-8-28
https://www.berria.eus/albisteak/186135/lantokiak-ikuskatzeko-neurrien-inguruan-galdetuko-dio-eh-bilduk-nafarroako-gobernuari.htm
Ekonomia
Lantokiak ikuskatzeko neurrien inguruan galdetuko dio EH Bilduk Nafarroako Gobernuari
Tuterako Uvesa enpresaren jokabidea «arduragabea» kritikatu du koalizioak, eta «langileen segurtasun neurriak bermatzeko neurriez» galdetuko dio gobernuari Nafarroako Parlamentuan.
Lantokiak ikuskatzeko neurrien inguruan galdetuko dio EH Bilduk Nafarroako Gobernuari. Tuterako Uvesa enpresaren jokabidea «arduragabea» kritikatu du koalizioak, eta «langileen segurtasun neurriak bermatzeko neurriez» galdetuko dio gobernuari Nafarroako Parlamentuan.
EH Bilduren ustez, «eskandalagarria» da Tuterako (Nafarroa) Uvesa lantegian izandako COVID-19 agerraldia. Hango beharginen artean 175 positibo atzeman dituzte, sindikatuek salatu ondoren ez zirela segurtasun neurriak errespetatzen ari. «Ez da aisialdiko jarduera batean sortutako berragertze bat, baizik eta lan esparruari soilik dagokiona», gogoratu du koalizio abertzaleak: «Are kezkagarriagoa da enpresak aurretik beharrezko neurriak hartu ez izana. Izan ere, lantegi horretan neurririk ez zegoelako piztu zuten alarma sindikatuek». Horregatik, EH Bilduk gogoratu du «lan osasuneko agintaritzak langileen osasuna arriskuan jartzen duten jokabide horiek kontrolatu eta zigortu» dituela. «Ezinbestekoa da Administrazioak jarraipen eta ikuskapen zorrotza egitea, lan-eremuan osasun segurtasuna bermatzeko indarrean dauden neurriak betetzen direla ziurtatzeko, batez ere langile asko dauden lantegietan», esplikatu du. Hori dela eta, EH Bilduko talde parlamentarioak galdera bat erregistratu du gaur Santos Indurain Osasun kontseilariari egiteko. «Nafarroako Osasun Publikoak eta Lan Osasunak lantokiak ikuskatzeko eta langileen segurtasun neurriak bermatzeko zer neurri garatzen ari diren» jakin nahi du koalizioak, baita «Uvesa eta antzeko ezaugarriak dituzten beste lantoki batzuetako berragerpenak kontrolatzeko ezarritako neurriei buruzko informazioa ere».
2020-8-28
https://www.berria.eus/albisteak/186136/isuntzak-ezingo-du-arraun-egin-asteburuan-eusko-label-ligako-bi-estropadetan.htm
Kirola
Isuntzak ezingo du arraun egin asteburuan Eusko Label ligako bi estropadetan
Arraunlari batek COVID-19arekin positibo eman duela zabaldu du TKEk, baina Isuntzak zehaztu du "balore kontrajarriak" eman dituela testetan, eta horiek ez direla "erabakigarriak". PCR proban, negatibo eman dute kide guztiek. Irailaren 1era arte konfinatuta egotera behartuta daude orain, PCR probak berriz egin arte.
Isuntzak ezingo du arraun egin asteburuan Eusko Label ligako bi estropadetan. Arraunlari batek COVID-19arekin positibo eman duela zabaldu du TKEk, baina Isuntzak zehaztu du "balore kontrajarriak" eman dituela testetan, eta horiek ez direla "erabakigarriak". PCR proban, negatibo eman dute kide guztiek. Irailaren 1era arte konfinatuta egotera behartuta daude orain, PCR probak berriz egin arte.
Isuntzako arraunlari batek COVID-19arekin positibo eman duela eman du aditzera Traineruen Kluben Elkarteak, eta horrenbestez, ezingo duela bihar eta etzi Galiziako bi estropadetan parte hartu, ligako eta Osasun arloko protokoloaren arabera, itxialdia egin behar dutelako gainerako kideek ere. Isuntzak ohar bidez zehaztu egin du gero TKEk zabaldutakoa: "Gure arraunlarietako batek lan munduan jatorria duen COVID-19aren ondorioz, probak egin ditu, eta jasotako emaitza kontrajarriak ez dira erabakigarriak. Denok egin ditugu probak orain, arraunlari hori barne, eta denetan negatibo atera da". TKEk hartu duen erabakiaz, ondorengoa adierazi du Lekeitioko arraun taldeak: "TKEko epaileak, zentzumena eta zuhurtzia oinarri hartuz, irailaren 1ean egingo diren PCR probak egin arte, konfinamendu protokoloa ezarri digu". Gehitu du "osasuna edozein kirol proba edo txapelketaren gainetik" dagoela. Horrenbestez, Lekeitioko trainerua ez da izango bihar eta etzi Eusko Label ligaren barruan jokatuko diren Galiziako bi estropadetan. Irailaren 1eko testetan berriz ere negatibo ematen badute denek, Kontxarako sailkatze estropadan izango da Isuntza, datorren ostegunean. Ligako araudiaren arabera, orain arte batutako puntuen batezbestekoa emango zaio Isuntzari bi estropada horietan: bost puntu bihar, eta beste horrenbeste, etzi. Zortzigarrena da sailkapenean, 64 punturekin, eta kanporaketa jokatzera eramaten duen azken-aurreko postuan den Aresi bederatzi puntu ateratzen dizkio. Isuntzaren egoera ez da aurrenekoa denboraldi honetan. Euskotren ligan, Arraun Lagunak berdin egon zen, hiru estropadatan lehiatu ezinda, eta orain ere etxean konfinatuta daude denak, liga amaitu eta gero beste arraunlari batek positibo eman zuelako. KAE 1 ligan, Getaria egon zen horrela, eta KAE 2 ligan, Zarautz B eta Portugalete ez dira gehiago lehiatuko denboraldi honetan, berriki izandako positibo kasuengatik.
2020-8-28
https://www.berria.eus/albisteak/186137/1936ko-gerrako-granada-bat-eta-pistola-bat-atzeman-dituzte-mendigorrian.htm
Gizartea
1936ko gerrako granada bat eta pistola bat atzeman dituzte Mendigorrian
Granada duela 80 urte ingurukoa da, eta pistola, berriz, duela 90 urtekoa. Lizarragan, gainera, 40-50 urte inguru dituen jaurtigai bat atzeman dute.
1936ko gerrako granada bat eta pistola bat atzeman dituzte Mendigorrian. Granada duela 80 urte ingurukoa da, eta pistola, berriz, duela 90 urtekoa. Lizarragan, gainera, 40-50 urte inguru dituen jaurtigai bat atzeman dute.
Pertsona batek eskuko granada bat eta pistola bat aurkitu ditu bere eraikinaren etxabean, Mendigorrian (Nafarroa). Etxebizitza berregokitzeko eta birgaitzeko lanak egiten ari zela atzeman ditu armak. Guardia Zibilaren Lehergailuak Indargabetzeko Espezialisten Taldeak (GEDEX) jakinarazi duenez, aurkitu duten esku granada duela 80 urte ingurukoa da, eta 1936ko gerran asko erabili zen. Eraikin berean aurkitutako pistola, berriz, 7,65 milimetroko kalibre txikikoa da, 90 urte inguruko antzinatasuna duena. Poliziak adierazi duenez, armak leku seguru batean suntsitu dituzte, modu kontrolatuan. Jaurtigai bat Lizarragan Beste pertsona batek lehergailu bat aurkitu du Lizarragan (Nafarroa). Jaurtigaia bere jabetzako estalpe batean garbiketa lanak egiten ari zela atzeman du. GEDEX taldeak baieztatu duenez, 40 milimetroko kalibreko fusil granada bat da, oxidazio egoera aurreratuan. Lehergailuak 40-50 urte inguru zituen, eta agenteek adierazi dutenez, suntsitu egin dute.
2020-8-28
https://www.berria.eus/albisteak/186138/araban-bizkaian-eta-gipuzkoan-ere-maskara-derrigorrezkoa-izango-da-lh1etik-aurrera.htm
Gizartea
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere maskara derrigorrezkoa izango da LH1etik aurrera
Ikasturtea hasteko egunak aldatu ditu Jaurlaritzak: DBH3, DBH4 eta Batxilergoko ikasleak irailaren 15ean hasiko dira, eta ez irailaren 7an. Hezkuntza Sailak beste mila irakasle kontratatzea aurreikusi dute.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere maskara derrigorrezkoa izango da LH1etik aurrera. Ikasturtea hasteko egunak aldatu ditu Jaurlaritzak: DBH3, DBH4 eta Batxilergoko ikasleak irailaren 15ean hasiko dira, eta ez irailaren 7an. Hezkuntza Sailak beste mila irakasle kontratatzea aurreikusi dute.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 2020-2021eko ikasturteari buruzko argibideak eman ditu. Aldaketa nagusietako bat ikasturtea hasteko eguna da: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailako ikasleak eta Batxilergokoak irailaren 15ean hasiko dira, eta ez irailaren 7an. Ez da aldaketarik egongo Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, DBH1eko eta DBH2ko ikasleentzat: irailaren 7an hasiko dira. Hezkuntza presentziala izango da, eta ordutegia ez da jarraitua izango HHko eta LHko ikasleentzat. Lanbide Heziketan ere aldatu egin dute hasiera eguna. Goi mailako zikloetan, hilaren 14an hasiko dira bigarren mailakoak, eta 16an lehenengo mailakoak. Erdi mailako zikloak geroago hasiko dira: bigarren mailakoak, hilaren 21ean, eta lehen mailakoak, 23an. Oinarrizko zikloetan, udalen zentroetan ematen badituzte eskolak, irailaren 14an ekingo diote bigarren mailako ikasleek, eta lehen mailakoek, hilaren 16an; aldiz, Lanbide Heziketako ikastetxe batean ematen badute zikloa, irailaren 28an hasiko dira bigarren mailakoak, eta lehen mailakoak, bi egun geroago. Maskararen erabilera "indartu" egingo dutela ziurtatu du Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak. Horrenbestez, LH1etik aurrerako haurrek erabili beharko dute, baita 1,5 metroko tartea daukatenean ere. Haur Hezkuntzan, ez da nahitaezkoa izango, baina "posible denean" erabili beharko dute. Irakasleek beti erabili beharko dute maskara, baita bizikidetza talde egonkorretan daudenean ere. Baliabide gehiago jarriko dituztela azaldu du Uriartek. Zehazki, ziurtatu du 1.000 irakasle gehiago kontratatzea aurreikusi dutela geletan ikasle gehien dituzten ikastetxeetarako. "Orain ikusten ari gara nolako beharrak egon daitezkeen". Haren hitzetan, ikastetxez ikastetxe aztertuko dute zer behar dituzten. Hezkuntza Sailak uste du zenbait ikastetxek, irakasleak ez ezik, lokal gehiago ere beharko dituztela . Hori dela eta, Uriartek azaldu du Hezkuntza Sailak Eudeli udalen "lankidetza" eskatu diola udalen instalazioak uzteko. Itunpeko sareari dagokionez, Uriartek nabarmendu du Hezkuntza Sailak laguntza deialdi bat egingo duela ikastetxe horientzat. Kasuen kudeaketa Ikasgeletan positiboak agertzen direnean nola jokatuko duten ere azaldu du Uriartek. Lehenik, COVID-19aren sintomak dituzten ikasleek eta langileek ez dute eskolara joan beharko, ezta berrogeialdian daudenek ere. Ikasleei ikastetxean daudenean sintomak agertzen bazaizkie, aparteko gela batera eramango dituzte, maskara jantziko zaie, eta familiek osasun etxearekin harremanetan jarri beharko dute. Positibo ematen badute, bi egoera egongo dira: haurra bizikidetza talde egonkorrekoa denean, kontaktu estutzat hartuko dituzte taldeko guztiak; bizikidetza talde egonkor batekoa ez denean, berriz, ikastetxeko harreman estuak identifikatuko dituzte. "Osasun Publikoko Zerbitzuak eta Lan Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuak balioetsiko dute ea irakasleak eta ikastetxeko langileak kasu baieztatuaren kontaktu estutzat hartu behar diren", erantsi dute. Kontaktu estutzat dituzten pertsonei "jarraipen aktiboa" egingo diete, eta etxean egon beharko dute berrogeialdian. Gerta daiteke ikastetxe batean kasu bat baino gehiago agertzea ere. Agerralditzat hartuko dute hiru pertsonak edo gehiagok positibo ematen dutenean. Hiru egoera aurreikusi dituzte: agerraldi "kontrolatuak" edo noizbehinkako kasuak izatea, agerraldi "konplexuak" edo noizbehinkako komunitate transmisioa izatea, eta "kontrolik gabeko" transmisio komunitarioa egotea. Lehenengo kasuan, transmisio kateak "ondo definituta" egongo direla azaldu du Jaurlaritzak. Egoera hori talde bakar batean gerta daitekeela esan dute, baita independenteak diren bizikidetza talde egonkor batzuetan ere. Orduan, kontaktuak identifikatu eta bakartuko dituzte. Bigarren egoeran, transmisio kateak ezingo dituzte erraz identifikatu edo positibo bat baino gehiagoko adarrak agertuko dira. Hezkuntza Sailak aurkeztutako protokoloan ageri denez, kasu horretan, positiboen arteko lotura aztertuko dute, eta beste neurri batzuk hartzea aztertuko dute: berrogeialdia gorde behar duen taldea edo taldeak handitzea, gelak edo lerroak ixtea... Azkenik, Ikastetxean kontrolatu gabeko transmisioa gertatzen dela uste badute, arriskuak ebaluatuko dituzte, eta transmisioa non gertatzen den analizatu. Beste neurri batzuk hartzea aztertuko dute, eta, azkenik, baita ikastetxeko eremu bat edo ikastetxea bera ixtea ere.
2020-8-28
https://www.berria.eus/albisteak/186139/931-kasu-izan-dira-hego-euskal-herrian.htm
Gizartea
931 kasu izan dira Hego Euskal Herrian
Ospitaleetara jende geheien sartu den eguna izan da: 62.
931 kasu izan dira Hego Euskal Herrian. Ospitaleetara jende geheien sartu den eguna izan da: 62.
«Ez da lortu goranzko kurba iraultzea; ez kutsatuen kopuruan, ezta ospitaleratzeen kasuan ere»". Nekane Murga Jaurlaritzako Osasun sailburua egungo egoeraz mintzatu da goizeko agerraldian, eta kasuen kopuruak handiak direla ohartarazi du. Izan ere, atzo, pandemia osoko kopururik handiena atzeman zen Hego Euskal Herrian, eta azken orduetan ere goitik ibili dira: 931 kasu detektatu dituzte. Sailburuak, baina, nabarmendu du kurbaren bilakaera martxokoa baino geldoagoa dela, eta iragarri du eta datorren astean kasuak «egonkortu» daitezkeela, aurreko astean ezarritako neurrien ondorioz. Halere, trasnmisio komunitarioa dagoela berretsi du. Herrialdeka, bada alderik bezperako datuekin, Nafarroan batez ere. Izan ere, Tuterako lantegi batean atzo atzemandako positiboek bikoiztu egin zituzten egunotan herrialdean atzeman diren kasuen batezbestekoa. Nafarroako Gobernuak gaur jakinarazi du kasu horietatik 148 direla Nafarrokoak. Araban, Gipuzkoan eta Nafarroan apaldu egin dira kasuak; Bizkaian, berriz, ugaritu. Bizkaian 432 kasu atzeman dituzte, atzo baino 76 gehiago; Gipuzkoan, 225 kasu izan dira, hemezortzi gutxiago; Nafarroan, 167, atzo baino 86 gutxiago eta Araban, 94, atzo baino 37 gutxiago. Kasuen zifra altuen isla ospitaleetan igartzen ari da. Izan ere, erietxeetara gaitzaren ondorioz jende gehien sartu den eguna izan da, udako agerraldiak hasi zirenetik: 62 gaixo sartu dira Hego Euskal Herriko ospitaleetan. Erietxeetan daudenak 321 dira une hauetan, eta horietatik 40 ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan daude. Donostiako agerraldiarekin lotuta, proba gutxi Murgak une hauetan dauden oldarraldien inguruko datuak eman ditu prentsaurrekoan. Gernikakoa (Bizkaia) da kasu gehien dituena: 2.705 proba egin dituzte orain arte, eta 113 kasu atzeman dituzte ez-jaietan sorturiko agerraldiarekin lotuta. Gainera, gaur beste 600 test inguru egingo dituzte. Gernikan egin diren proba kopuruan aldean, gutxi izan dira Donostiako bi dantzalekutan izandako agerraldiekin lotuta egin direnak. Osasun Sailaren esanetan, 240 proba egin dituzte Komplot diskotekan izan zirenei, eta horietatik 26 izan dira positiboak. Tropical diskotekan izan zirenen artean, aldiz, 43 proba egin dira eta 19 kasu atzeman: %44k eman du positibo. Bestalde, Azpeitian (Gipuzkoa) hamahiru kasu izan dira azken orduetan, eta horietatik hamar herrian izandako agerraldiarekin daude lotuta. Osasun Sailak azaldu du hurbileko kontaktuei hamar egunetara egiten zaizkien PCR probetan detektatu dituztela kasuok, eta datozen egunetan progresiboki apaltzen joango direla kutsatzeak. Donostiako proben kopuru apalaz galdetuta, Murgak azaldu du Jaurlaritzaren deialdiak irekiak eta borondatezkoak direla, baina, halere, jendea identifikatzeko lanetan dabiltzala argitu du. Sailburuaren hitzetan, jendeak probak egitera ez joatea erabakitzen badu "asko" zailtzen da aztarnarien lana, jende asko pilatu daitekeen tokietan bereziki. Gogor jardun da sailburua pertsona batzuek duten jarreraren inguruan. Dantzalekuetan egon eta proba egitera joan ez den jendea Donostiatik "besteak kutsatzen" egon daitekeela esan du: "Ez dugu hori geratzeko modurik porbarik egiten ez badute". Hain zuzen ere, egunotan Jaurlaritzatik hartu dituzten neurriak jende pilaketak ekiditeko eta agerraldi bat egonez gero kontaktuak lokalizatu ahal izateko direla esan du. Osasun Sailaren beste kezketako bat bakartzeak betetzen ez dituzten herritarrak dira. Murgak azaldu du kasu batzuetan, bakartzeak ez direla behar bezala betetzen, eta proban negatibo eman arren, ezinbestekoa dela exean geratzea hurbileko kontaktua bada. Gainera, esan du badirela positiboekin harremanetan egon direla jakin eta porbarik egiten ez dutenak. Neurriak betetzen ez dituzten pertsona horiek gaixotasuna trasmititzen ari direla esan du sailburuak, tonu irmoan: "Norbaitek arrisku jarduerak egiten baditu, esaterako maskararik gabe egon jende askorekin, ez du ezertarako balio PCR probak egitea. Ohiturak aldatzen ez baditu arriskuan egoten jarraituko du". Gogoratu du une hauetan 40 pertsonatik gora daudela ZIUetan "heriotzaren aurka borrokan", eta ziurrenik, "poteoan edo familiarteko bilera batean egon den norbaitek" kutsatu dituela.
2020-8-28
https://www.berria.eus/albisteak/186140/kontxako-bandera-ikuslerik-gabe-lehiatuko-da.htm
Kirola
Kontxako Bandera ikuslerik gabe lehiatuko da
Koronabirusak eragindako osasun krisiaren ondorioz, antolatzaileek neurri bereziak hartu dituzte Kontxako aurtengo estropadetarako. Besteak beste, ez bertaratzeko eskatu diete arraunzaleei.
Kontxako Bandera ikuslerik gabe lehiatuko da. Koronabirusak eragindako osasun krisiaren ondorioz, antolatzaileek neurri bereziak hartu dituzte Kontxako aurtengo estropadetarako. Besteak beste, ez bertaratzeko eskatu diete arraunzaleei.
Iazkoa bezalako irudirik ez da izango aurtengo Kontxako Banderan. Nekane Arzallus Donostiako alkateordeak arraunzaleei eskatu die estropadak etxean telebistaz ikus ditzatela eta Donostiara ez daitezela joan. «Hainbat usadio egokitu egin behar izan ditugu pandemiaren ondorioz; eta, jakina, Kontxako Bandera ere ez da salbuespena izango. Beraz, arraun denboraldiko zitarik garrantzitsuena ezohiko egoera honetara egokitu behar izan dugu». Jende pilaketak eragozteko, estropada ikusteko prestatuta egon ohi diren eremuak itxita egongo dira: Kaia, Pasealeku Berria, Kontxako pasealekua eta Santa Klara irla. Itsasoan ere aldaketak izango dira; estropada jarraitu nahi duten motor ontziak ezin izango dira Kontxako badian sartu. Horrez gain, ezingo diete traineruei segitu estropadako azken luzean. Egoera bereziagatik eta lehiaketaren segurtasuna «bermatzeko» xedez, proba guztiak –sailkapen estropadak eta banderako bi jardunaldiak– ordu bat lehenago hasiko dira. Sailkatze estropadak bitan banatu dituzte. Asteazkenean, irailaren 2an, emakumeen hamabost ontzi arituko dira igandean parte hartzeko lehian; ostegunean, irailaren 3an, aldiz, gizonezkoen txanda izango da, eta 24 talde ariko dira. Bi lehia horiek ordu berean hasiko dira, alegia, 17:30ean. Kanporaketetatik lehen igandera bitartean PCR analisietan arraunlariren batek positibo emango balu, haren taldea kanporatua izango litzateke, eta sailkatze zerrendako hurrengoak ordezkatuko luke. Gehienez, lau ordezkatze izango lirateke. Bestalde, aurreneko igandetik eta bigarren igandera bitartean beste positiboren bat azalduko balitz, euren taldeek ezingo lukete bigarren jardunaldian parte hartu. Murriztu egingo litzateke traineruen kopurua, beraz. Emakumeen estropadak 10:00etan hasiko dira; eta gizonenak, berriz, 11:00etan. Beste aldaketa bat ere izango da: banderak ez dira Donostiako portuan emango, badian bertan baizik. Talde irabazlearen patroiari soilik emango zaio bandera. Bestalde, Arzallusek jakinarazi duenez, bi kategoriatako zortzi traineruen ordainsariak 85.425 eurora areagotu dituzte. Banderarekin batera, 25.000 euroko saria jasoko du irabazle bakoitzak.
2020-8-28
https://www.berria.eus/albisteak/186141/ezkabatik-ihes-egin-zuen-preso-baten-gorpuzkiak-itzuli-dizkiete-bere-senideei.htm
Gizartea
Ezkabatik ihes egin zuen preso baten gorpuzkiak itzuli dizkiete bere senideei
Nafarroako Memoriaren Institutuak Leoncio de la Fuente Ramosen gorpuzkiak itzuli dizkio bere familiari, hil eta 82 urtera. Larrasoañan exekutatu zuten.
Ezkabatik ihes egin zuen preso baten gorpuzkiak itzuli dizkiete bere senideei. Nafarroako Memoriaren Institutuak Leoncio de la Fuente Ramosen gorpuzkiak itzuli dizkio bere familiari, hil eta 82 urtera. Larrasoañan exekutatu zuten.
Nafarroako Memoriaren Institutuak Leoncio de la Fuente Ramosen gorpuzkiak itzuli dizkio bere familiari, hura exekutatu eta 82 urtera. De la Fuente Ramos 1937ko abuztuaren 22an iritsi zen Ezkabako kartzelara, eta 1938ko maiatzaren 22an espetxe horretatik egindako talde ihesean parte hartu zuten 795 presoetako bat izan zen. Ihes egin eta berehala harrapatu zuten, eta Larrasoañan exekutatu eta hobiratu zuten, beste hiru lagunekin batera. Gorpua 2018an aurkitu eta berreskuratu zuten, eta Nafarroako DNA Bankuaren ikerketa genetikoari esker identifikatu zuten 2020ko ekaina bukaeran. Gaur eman dizkiete gorpuzkiak De la Fuente Ramosen senitartekoei, Nafarroako Artxibo Orokorrean egin den ekitaldian. Jardunaldian, Paula de la Fuente Leoncioren alaba, eta haren alaba eta biloba egon dira, eta Paulina Lizoainekin elkartzeko aukera izan dute. Lizoainen testigantzari esker jakin zuen Nafarroako Gobernuak Larrasoañan izandako exekuzioen berri; izan ere, 89 urteko emakumeak haurra zela ikusi zuen lau lagunen hilketa. Gorpuzkiak entregatzeko ekitaldiaz gain, bertaratutakoek Ezkabako gotorlekua bisitatu dute —ihesaldia gertatu zen tokia—, baita Larrasoañako hobia ere. Hobian, Fermin Ezkieta ikertzaileak, Aranzadi Zientzia Elkartearen eskutik, ihesaren eta hobitik ateratzeko prozesuaren xehetasunak azaldu ditu.
2020-8-30
https://www.berria.eus/albisteak/186142/bizitza-bat-bitan.htm
Politika
Bizitza bat bitan
44 urte dituzte Lander eta Zigor Garro anaia bikiek. Bizitzaren lehen erdia elkarren ondo-ondoan egin zuten. Zigor sasira joan zen 22 urte zituela, eta iazko azarora arte fisikoki bereizita egon ziren, hura askatu zuten arte. Elkarrekin dabiltza berriro. Zigor eta Lander, bizitza bat bi ahotsetara.
Bizitza bat bitan. 44 urte dituzte Lander eta Zigor Garro anaia bikiek. Bizitzaren lehen erdia elkarren ondo-ondoan egin zuten. Zigor sasira joan zen 22 urte zituela, eta iazko azarora arte fisikoki bereizita egon ziren, hura askatu zuten arte. Elkarrekin dabiltza berriro. Zigor eta Lander, bizitza bat bi ahotsetara.
Grabagailua piztu aitzin hasi dira BERRIArentzako hizketan Lander eta Zigor anaia bikiak (Errenteria, Gipuzkoa, 1975). Asko baitute kontatzeko orain arteko bizimoduaz. LANDER GARRO: Gu ume eta gaztetxo ginenean, oso herri gatazkatsua zen Errenteria: Polizia beti zegoen kalean, eta istiluak, egunero. Baina auzoko bizitza handia zegoen. Etorkinen auzo batean bizi ginen gurasoak eta lau anai-arrebok: Pontikan, hirigunetik pixka bat kanpora. Beti kalean geunden, gurasoen zaintzarik gabe. Jende pila bat ezagutzen genuen. Auzo guztia zen gure etxea. ZIGOR GARRO: Gure familia eskas zebilen baliabide aldetik; adibidez, ez genuen telefonorik. Alboko bizilagunak bazuen, eta hara deitzen ziguten senideek, lagunek eta besteek, eta bizilaguna han etortzen zen gure etxera, deia genuela esanez. Kontrastearen oroitzapena dut nik ere: kalean lasai ibiltzen ginen, baina, Landerrek aipatu bezala, presentzia poliziala itogarria zen. Behin, umeak ginela, polizia batek pilotakada bat bota zuen gure etxera, itxitako pertsiana batera, eta zulo bat egin zuen. LANDER: Eta, Zigor, gogoratzen Ertzaintza 1997an gu biok atxilotzera etorri zenean nik zulo horretatik ikusi nituela bazetozela? LANDER: 1997a baino lehenago ezagutu genuen kartzela guk, aita 1987an atxilotu eta espetxeratu egin zutelako. Hamabi urte genituen. 1983ko abuztuan ihes egin zuen, Ipar Euskal Herrira. ETAkoa zen. Hendaian jarri zen bizitzen. ZIGOR: Oso giro politizatua zegoen Euskal Herrian, eta gogoan dut, aitak ihes egin aurretik, ikastolako andereño bati esan niola noizbait Iparraldera joango ginela bizitzera. Gurasoek ez gintuzten doktrinatu, baina ume-umetatik bagenekien zer lubakitan geunden. LANDER: 1983-1984ko ikasturtea Errenteriako ikastolan bukatu genuen, eta gero joan ginen Hendaiara bizitzera. Donibane Lohizuneko ikastolan hasi ginen. ZIGOR: Bixente Perurenak egin zion harrera gure aitari; etxean hartu zuen. Guretzat oso-oso pertsona kuttuna zen Bixente. GALek 1984ko otsailean hil egin zuen, Hendaian, Angel Gurmindorekin batera. LANDER: Metrailetaz hil zituzten. Biharamunean, Bixenteren etxera joan ginen, senide batek autoko balazuloak erakutsi zizkigun, eta hatzak sartzen genituen. ZIGOR: Markatu egin gintuen hilketak. Estatua edo estamentu ofizial hori guztia guretzat ez zen babes egitura bat; hiltzen gintuen munstro bat zen. LANDER: Bixenteren heriotzarekin, Espainiako Estatua guretzat etsai bihurtu zen. Guk artean ez genituen 10 urte, heriotza oso abstraktua zen guretzat, baina harekin oso zehatza bihurtu zen. Nire liburu Gerra txikia-ren [2014] abiapuntua Bixente Perurenaren heriotza da, eta nire asmoa zen gatazka haur baten ikuspegitik kontatzea, haurrek ere sufritu dutelako gatazka, ez helduek bakarrik. ZIGOR: Aita Hendaian bertan atxilotu zuten, iheslarien aurkako sarekada batean, eta azkar Espainiaratu zuten. Atxilotu bezperan gurasoek dei bat jaso zuten… LANDER: …Bai, Blanquirena [Pascual], Bixenteren alargunarena. ZIGOR: Eta esan zien: «Gaur gauean gizon bat pasatuko da sare handi batekin». Hurrengo egunean goizeko zortziak aldera etorri ziren etxera poliziak. Txirrina jo eta jo, eta gure anaia Borja entzun nuen «GAL da, GAL da» esanez. Gelatik atera nindutenerako aita eskuburdinekin zuten, eskuak atzean. Kafesne bat hartzen utzi zioten, eta gure arreba Nereak eraman zion katilua ahora. Umiliagarria. LANDER: Poliziak idazmakina batekin azaldu ziren, aitari lehen datuak eta deklarazioa hantxe hartzeko. ZIGOR: Ataka zail batean zegoen gure familia, baina poliziek ez zuten enpatiarik erakutsi. Boterearen erakusketa bat izan zen; irudikatu nahi zuten haiek ordezkatzen zituztela ordena eta zilegitasuna. LANDER: Gure eraikin berean beste iheslari bat bizi zen, Ramon Mintegi, eta harreman handia genuen. Poliziek aita eraman bezain pronto Ramonengana joan ginen, eta haren etxeko ate aurrean geundela barruan idazmakina hotsa entzun genuen... ZIGOR: ...Eta atea ireki zuten! Polizia batek! Gogoratzen? LANDER: Ez. ZIGOR: Eta zer egin genuen biok? Pareko ateko txirrina jo! Eskerrak hor inor ez zegoen... Isil-isilik joan ginen handik, ezer gertatu izan ez balitz bezala. Gero jakin genuen Ramon ez zegoela etxean; haren arreba zegoen. LANDER: Aita bisitatzeko Madrilerainoko lehen bidaia oso luzea egin zitzaigun. Auto batean joan ginen, sei lagun, eta gaua Carmen Gurrutxaga kazetariaren etxean pasatu genuen. Lohizune Txarolaren [2011-2015ean Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea, Bildu] ama Mari Josek eraman gintuen, gure gurasoen oso laguna baitzen, eta haren ahizpa da Carmen. ZIGOR: Ez ziguten aita bisitatzen utzi. Ama negarrez oroitzen dut. Zigor eta Lander Garro.. GORKA RUBIO / FOKU LANDER: Bigarren bidaia jada autobusez egin genuen, pare bat astera, lau anai-arrebok eta amak. Aitari egin genion lehen galdera izan zen ea torturatu zuten. Burua jaitsi zuen, eta ahopeka «bah» moduko bat bota zuen. Gero atzamarra zintzurrera eraman, eta esan zuen itotzeko imintzioak egin zizkiotela sarri, baina ondo zegoela... ZIGOR: Hendaian segitu genuen bizitzen. Handik lau hilabetera askatu zuten aita, 1987ko urri aldera. LANDER: Ama ere atzeman zuten, 1988ko urtarrilean, gure etxera beste iheslari baten bila etorri zirenean, eta, aldi batez, Borja eta neu beste iheslari baten etxean bizi izan ginen, eta Zigor eta Nerea, barnetegi batean. Zorionez, ama berehala utzi zuten libre. 1987-1988ko ikasturtea amaitzean, Errenteriara itzuli ginen. ZIGOR: 1997an gu bion txanda izan zen... Hain zuzen, gure aita atxilotu eta hamar urtera. LANDER: Pertsianako zulo hartatik ikusi nituen etortzen ertzainak. ZIGOR: Neuk ireki nien atea, eta ohartu nintzen atea botatzeko tramankulu batekin zeudela. LANDER: Frantziako Polizia baino basatiago sartu ziren etxera. Guztia eraman zuten: liburuak, diskoak... Artean etxean gintuztela, kakagura sartu zitzaidan, eta utzi zidaten komunera joaten, baina ertzain bat ere sartu zen! Niretzat umiliagarria izan zen. ZIGOR: Lander, zu ere atxilotu izana tragikoa izan zen niretzat. LANDER: Kale erasoak egitea leporatu ziguten, baina hori gero jakin genuen. Arkautin [Gasteiz] zibilez jantzitako ertzain batzuk etorri zitzaizkigun, sekulako irain jarioarekin. Neuk idatziz ere ezingo nuke halako jariorik izan. Poliziak badauka besteok ez dugun dohain bat pertsona beheratzeko. ZIGOR: Aurretik, ertzain batek autoan dosier lodi bat hartu, eta esan zidan: «Hau da zutaz dakigun dena», iradokiz kartzelatzeko bidean nengoela. Halako batean, ordea, aipatu zidan azaroaren 28an jaiotakoa naizela, eta neure artean nioen: nola honek guztia dakiela gutaz, ez daki-eta jaioteguna! Azaroaren 25ekoak gara. LANDER: Leporatzen zigutena gezurra zen, gainera. ZIGOR: 1997ko abuztuan Errenterian autobus bat erretzea egotzi zidaten, eta gezurra zen, nik ez nuelako parte hartu. Eta banekien Landerrek ere ezetz. LANDER: Kalabozoan etengabe musika jartzen ziguten: Mecanorena eta Alejandro Sanzena; ozen, loa eragozteko. Zuk denboraren zentzua galtzea nahi dute. Galdeketaren estrategia bat da hori. Halako batean, auzi medikua etorri zen, ea zer moduz geunden galdetu zigun, eta esan nion musikarena, eta hark: «Zer nahi duzu esatea ertzainei, Oskorri jartzeko?». ZIGOR: Handik hiru hilabetera askatu gintuzten: 1998ko urtarrilaren 22an. LANDER: Bion kasuan, fiskalaren eta abokatuaren akordio bat egon zen, eta urtebete eta zortzi hilabete izan zen kondena. Epailearen aginduz, 2001eko apirilean berriz atzeman ninduten: Bartzelonan —ikasten nengoen han—, zigorra betearazteko. Lizarra-Garaziren ondoren, ETA 2000tik ekinean zen berriz, eta estatuak errepresioa azkartu zuen. Egunkari bateko argazki bat oroitzen dut: ama prentsaurreko batean, kexu ni sarri kartzelaz lekualdatzen nindutelako; oso keinu tristea zuen. 2002ko irailean atera nintzen espetxetik. ZIGOR: Nik 1998ko maiatzean ihes egin nuen. Klandestinitatera. LANDER: Niretzat hondamendi bat izan zen zu joatea, Zigor; nire bizitzako trantzerik zailenetako bat. Izua neukan; zer gertatuko zitzaizun galdetzen nuen. Eta pena ere banuen, ez nekielako noiz etorriko zinen, edo etorriko zinen. ZIGOR: Niretzat ere hondamendia izan zen zuek uztea, eta, batez ere, zu uztea. Klandestinitateko lehen astean ez zara ezertaz enteratzen, eta ohartzen zarenean familia, lagunak, eguneroko plazer txikiak eta abar galdu dituzula, zerua gainera datorkizu. Gero hasten zara, nolabait, plazer txiki batzuez gozatzen —irakurtzen...—, eta sumatzen duzu zaintzen zaituen ingurune bat badaukazula. Baina sasiko lehen bi urteak oso gogorrak izan ziren. Hala ere, ni joan eta lau hilabetera, Lizarrako Akordioa eta ETAren su-etena [1998ko iraila] gertatu ziren, eta itxaropen handiarekin bizi izan nuen sasoi hura. LANDER: Zigor etxean laster ikusteko itxaropenarekin bizi izan genuen guk. Esaten genuen: «Hau ondo ateratzen bada, konponbidea baldin badago, Zigor laster izango dugu etxean». Baina... Denbora asko pasatu zen Zigorren berri izateko. Berriro kartzelan nintzela izan nuen lehen albistea. ZIGOR: Klandestinitatean familiarekiko harremana oso urria baita. Kartzelan Kortsikako edota Turkiako erakunde armatuetako kide batzuk ezagutu nituen, eta nabari nuen ETAren klandestinitateko arauak haienak baino askoz zorrotzagoak zirela. Lander ez nuen ikusi zortzi urte eta erdian, ihesean egon nintzen garaian. Ama eta anaia zaharrena, Borja, bai. LANDER: Eta argazkiak atera zenituzten. Orduan ikusi zintudan aurreneko aldiz iheslari gisara. Ile luzea zenuen. ZIGOR: Arreba sasian zela, behin elkarrekin egon ginen. Asteburu batean, kanpin batean. Oso-oso polita izan zen. LANDER: Zure zenbat gutun jasoko nituen guztira, lau? ZIGOR: Neuk ere zuen oso gutun gutxi jaso nituen. LANDER: Ez zen erraza zuri helaraztea. Itsu kolpeak joz bezala, eskutitza halako bati ematen nion, hark beste bati emango zion... Ez nekien ezer iritsiko zitzaizun. ZIGOR: Familian mina sortu nuen, eta militante eraginkor bat izatera bilakatu nahi nuen familiarekiko lotura eta maitasuna. Era berean, nahi nuen bizimodu polit bat izatea, literatura eta musikarekiko atxikimendua gordetzea, etxean pelikulak ikustea, itsasoa ikustea... Hala ere, klandestinitatean zure zeregin bakarra militantzia da, eta egun osoa horretara zaude. ETAn nengoen, eta banekien zertan ari nintzen. Herri zapaltzaileari biolentziaren monopolioa lehiatzen zion ETAk, eta gauzatzeko moduko proiektu bat bezala sentitzen genuen independentzia. LANDER: Nire kezka zen gaixotzen bazinen ea zer egin behar zenuen. ZIGOR: Sasian beti zaude tentsioan, paper faltsuekin zaudelako, lapurtutako autoetan ibiltzen zarelako, kontrol bat egonik ihesari ekin behar diozulako... Baina nik, behintzat, hartu nion neurria. Aske izatearen sentsazio bat neukan. LANDER: Banekien nahi zenuen tokian zinela. Gure amak gauza bera pentsatzen zuen. Seme-alabak ondo egotea nahi zuen, baina oso bizitza gogorra izan zuen, absentziak eta segurtasunik ezak markatutakoa. Pentsa, momentu batez Nerea eta ni preso geunden, eta zu, sasian; eta geroago, preso Nerea eta zu. ZIGOR: Lehen hilabeteetan, familiarekin askotan egin nuen amets. Harekin egoteko subkontzientearen mekanismo bat zen, eta lasaitu moduko batekin esnatzen nintzen. Urteetan egunero egin nuen negar. Egoera gogorra zen, baina militantzia pasio bat zen, eta bizitza eder bat. Hura dena zurekin partekatzeko gogoa nuen, Lander. LANDER: Sasian zeundela, idazten nuenean zu zintudan buruan, galdetuz ea leituko zenuen. Zurekin hitz egiteko modu bat zen idaztea. ZIGOR: Behin baino gehiagotan egin nuen, Parisen-eta, ziberkafe batera joan, eta zure blogean sartu: Eta Garro nago-n. LANDER: BERRIAren gazte astekarikoa zen, Matraka-koa. ZIGOR: Edo Googlen Lander Garro jartzen nuen, zure berri izateko. LANDER: 2001ean atxilotu nindutenean, neure artean nioen noiz eta nola jakingo zenuen zuk berria. ZIGOR: Kide batek gau batean irratia jarri, eta galdetu zidan: «Lander Garro zure anaia da?». Baietz nik. «Atxilotu egin dute, Bartzelonan». Une latza izan zen. Arrebaren atxiloketaren [2000ko azaroa] berri ere irrati bidez izan nuen: Baionatik gertu auto batean nindoan, Oihane Errazkin zenarekin batera, eta irratian esan zuten Nerea atxilotu zutela, Madrilen. ZIGOR: 2006ko azaroan atxilotu ninduten [Frantzian], eta Fresnesko kartzelan sartu. Divina Commedia-ren esaldi bat etorri zitzaidan burura: «Hemen sartu zaretenok galdu itxaropen oro». Une beldurgarri bat da sarrera; espetxe osoa zeharkatzen duen korridore bat dago, luzea eta zaharra, zurezkoa. LANDER: Bisitak hilero egin nituen. Frantzian bisitak aurrez aurrekoak direnez, tartean beirarik gabekoak, hainbestean. Lehen baimen eskaera ukatu egin zidaten, eta uste dut handik pare bat hilabetera egin nizula lehen bisita. Ama eta biok joan ginen, eta txantxa txiki bat egin nizun: ezkutatu egin nintzen, eta amak esan zizun ez nintzela joan; sorpresaz atera nintzen, eta esan nizun: «Ostia, zer txikia zaren!». Distantziarekin, nire buruan handitu egin zinen. ZIGOR: Espetxealdiaren hasiera oso berezia da: fisikoki barruan zaude, baina burua, ez. Oso-oso bizia da mina, baina banekien familia ikusiko nuela, eta eguneroko bizimodu gogorrari eusteko indar handia ematen zidan horrek. Bestetik, euskal presoak badu beste presoek ez dutena: kolektibo baten parte da; beraz, babesa daukazu, kideen begirada humano bat. LANDER: Bisitetan, gauez aterpetik korrika joaten nintzen Fresnesera, eta muino batera igo eta Zigorren ziega zein ote zen jakiten saiatzen nintzen. Biok 1997an atxilotu gintuztenean, kalabozoan elkarrekin komunikatzeko soinu bat genuen, Gremlins-eko melodia, eta Fresnes kanpoan jotzen nuen, ea Zigorrek entzun eta seinaleren bat bidaltzen zuen. Baina ezer ez. ZIGOR: Ezinezkoa zen entzutea. Galeriak ikaragarri handiak dira, eta milaka preso daude. Gainera, Fresnesek badu soinu banda: musulmanen errezokoa. Nire ziega azpiko islamista batek otoitzerako dei melodikoa zuen, eta grabatu egin nion behin. Beste behin, neuretzat egin zuen errezo bat. Nire familiari bideo bat egin nion, eta preso haren kantua sartu nuen. Mutil hura gero Sirian hil egin zuten. LANDER: Biok asko idazten genion elkarri. Dozena eta erdi pasa orriko gutunak izaten ziren gureak! ZIGOR: Espetxera bidaltzen zenizkidan gutun eta artikulu denak harrotasun handiarekin irakurtzen nituen. Kartzelan mugak jartzen dizkizute, eta ni ere saiatzen nintzen familiarekiko lotura ahal zen oparoena izan zedin. Kartzelak zure identitatea kolokan jarri nahi du, eta autoafirmazio ariketa iraunkor batean aritzen zara han. LANDER: Baina, aizu, ez zen hain txarra izan zure espetxealdia...: bost liburu itzuli zenituen, koadroak egin, bideo tailer batean egon zinen, argazkigintzakoan... ZIGOR: Eta bateria jo nuen! Denbora lapurtu egiten dizu kartzelak, eta han daukazun denborari etekina ateratzen saiatzen zara. LANDER: Gure herriaren kontakizuna egin behar baldin badugu, gure emoziotik kontatu behar dugu, sentiberatasunetik eta zintzotasunetik, dogmak baztertuta. ZIGOR: Eta ezin da izan kontakizun anonimo bat, generikoa, nortasunik gabekoa. Guri ukatzen digutena hori da. Eskatzen digute beste aldeko biktimak errespetatzeko eta haien mina eta dolua aitortzeko, eta gu prest gaude horretarako, guk eragin baitugu min hori, baina eskatzen digute gure hildakoak alfonbra azpian sartzeko, eta hori ezin dugu onartu. LANDER: Guztiok dugu parte bat ona eta beste bat gaiztoa. Testuinguru historikoak abagune batean jarri gintuen gu, eta hortik eraiki dugu gure bizitza. Humanitatearen historia ondasunen arteko borroka bat da, eta parte baten deshumanizazioa bilatzen da. ZIGOR: Eta zer hoberik, izen-abizenak kentzea baino. Hori egin zuten euskal presoen argazkiak erakustea debekatu zutenean. Esan nahi zuten ilegalak garela, herri ilegal bat garela, ez dugula eskubiderik, eta indarra haiena dela. Herri zapaldu bat izaten jarraitzen dugu, eta ikuspegi horretatik egin behar da azterketa. LANDER: Azken batean, zio politiko bati berniz morala ematen diote, haien posizio politikoari zilegitasuna emateko asmoz. ZIGOR: Herri bat kolonizatzeko funtsezkoa da humanizaziorik eza. Hori egin zuten indigenekin. Gurekin antzeko prozesua ezarri zuten, azalpen moral bat emanez gure kasuan, biolentoak eta demokratak dikotomia faltsuaren bidez. Gure epaiketan, Euskal Herriaren historia azaltzeko polizia bat eraman zuten! Hurrengo egunean, neuk han esan nuen erakutsi nahi zutela gure herriaren historia ez dela historialarien kontua, baizik antiterrorismo kontu bat. ZIGOR: ETAren sorrera garaian, frankismoan, pizkunde bat gertatu zen kulturalki eta politikoki, eta hamarkadetan benetan sinistu izan dugu posible zela Euskal Herriaren askatasuna. Egin eta eraiki ziren gauza asko, ikastolak-eta, sinismen bat bazegoelako. Gaur egun, berriz ere depresio fase batean gaude, eta gure subjektibitatean oso errotua dago ezin dela. Uste hori gainditu egin behar da, eta horretarako pizkunde berri bat behar da. Ez dakigu noren edo zeren eskutik helduko den. Zikloak izaten dira herrien askapen prozesuetan ere, eta neguan gaude orain. LANDER: Gakoa diskurtsoan dago. Aberriaren proiektuari diskurtso bat falta zaio. Bestea konbentzitzeko saiakeran gabiltza beti, eta geure diskurtsoa galdu egin dugu. Ez dakigu geure burua aldarrikatzen, ez dakigu diskurtsoa positiboan egiten gure askatasunaren alde. Lotsati, herabe, konbentzimendurik gabe ari gara gure askatasunaren alde hizketan, batik bat Madrilekiko dialektika batean. ZIGOR: Eta Madrilek ez du ezer proposatzeko, ez du entzuten. Presoen auzian ikusten da hori. Eta hori gertatzen da, beharbada ez garelako gu. Mozorro batekin azaltzen gara, ea onartzen diguten festara sartzea; baina ez. Ez dagoen solaskide hori, etsaia, baztertzea falta zaigu, eta gure komunitateari hitz egitea. LANDER: Askatzea falta zaigu, eta autoafirmazio fase batean sartzea. AEBetan izan diren mobilizazioetan, beltzek erabilitako kontzeptuak garbiak eta gardenak dira, eta ozen eta harrotasunarekin egin dituzte aldarrikapenak. Hori da hitzen bidez jendea kohesionatzea. ZIGOR: Askatasunaren alde jarraitu behar dugu. Diskurtso horren bidez lortuko dugu komunitate izatearen harrotasuna, komunitatea politikoki gauzatzeko sinismena eta ilusioa, eta, agian, hortik sortuko da berriro askatasunera eramango gaituen bultzada, txinparta.
2020-8-28
https://www.berria.eus/albisteak/186143/lander-garro.htm
Lander Garro
Lander Garro.
Idazteari eta ikus-entzunezkoei emana dabil Lander Garro. Argazkigintza ikasketak egin zituen, eta 2003an kazetari hasi zen Oiartzualdeko Hitza egunkarian. Gero, ETB1en saio batzuk zuzendu izan ditu, eta, berriki, intsumisioari buruzko dokumental bat. Lau liburu idatzi ditu: Orain galdera berriak ditut; Kontrarioa; Gerra txikia; eta Ez merkeenak! Bai onenak! 'Argia', euskal publizitatea abian. Kartzela ezagutu zuen, kale erasoak egotzita: ia bi urte egin zituen, bi alditan. Hendaian (Lapurdi) bizi da.
2020-8-28
https://www.berria.eus/albisteak/186144/zigor-garro.htm
Zigor Garro
Zigor Garro.
Klandestinitateak —ETAko kidea zen— eta kartzelak baldintzatu izan dute Zigor Garroren bizitza: 1998an egin zuen ihes, eta 2006an atxilotu zuten; iazko azaroan irten zen espetxetik, eta, Lander anaiaren Hendaiako etxean eskumuturrekoarekin bizitzen egon ostean, Frantziak Espainiaratu egin zuen maiatzean; aske geratu zen. Preso zela, itzulpengintza eta bideogintza landu zituen, eta orain ikus-entzuneko lanetan dabil Landerrekin. Josten ikasten ere ari da. Donostian bizi da.
2020-8-28
https://www.berria.eus/albisteak/186145/uvesa-behin-behinean-itxiko-dute-ia-200-langile-kutsatu-ondoren.htm
Ekonomia
Uvesa behin-behinean itxiko dute, ia 200 langile kutsatu ondoren
Segurtasun neurrien kostu ekonomikoak erdibana ordainduko dituzte enpresak eta Nafarroako Gobernua. Lantalde bat sortuko dute inguruko kutsatzeak inguruko herrietara zabal ez daitezen.
Uvesa behin-behinean itxiko dute, ia 200 langile kutsatu ondoren. Segurtasun neurrien kostu ekonomikoak erdibana ordainduko dituzte enpresak eta Nafarroako Gobernua. Lantalde bat sortuko dute inguruko kutsatzeak inguruko herrietara zabal ez daitezen.
Tuterako Uvesa enpresa itxiko dute, behin-behinean eta badaezpadako neurri gisa. Nafarroako Gobernuaren Osasun Departamentuko ordezkariekin ostiral honetan eginiko bileraren ostean hartu dute erabakia. Herenegun baieztatu zen 175 langilek positibo eman dutela, 640 proba egin ostean —asteartean, enpresak beste 22 kasu jakinarazi zituen: beraz, 197 guztira—. Tuterako lantegian 713 beharginek egiten dute lan. Uvesa haragiaren sektoreko enpresa bat da, hegaztiak prozesatzen dituzte. Hartuko diren segurtasun neurrien kostu ekonomikoak erdibana ordainduko dituzte enpresak eta Nafarroako Gobernuak. Langileei seroprebalentzia probak egingo dizkiete larunbat honetan, eta enpresako instalazioak desinfektatuko dituzte. Era berean, Nafarroako Gobernuaren eta Tuterako Udalaren artean koordinazio talde bat osatuko da, eta teknikarien bidez Uvesako langileei nola jokatu azaldu diete, kutsatzeak saihesteko. Tuteran beste neurri murriztaile batzuk hartzea baztertu du gobernuak. Langile gehienak Tuteran eta Nafarroako hegoaldeko herrietan bizi diren arren, badaude Aragoin eta Errioxan bizi direnak ere. Martxotik susmopean Kutsatzeen berri jakin zenean, sindikatuek eskatu zuten planta ixteko, baina enpresak ez zuen aintzat hartu eta kontrol neurriak handitzea proposatu zuen. Gobernuko ordezkariekin bildu ostean, atzera egin du eta jarduna etetea erabaki du. Enpresako ordezkariak komunikabideei eginiko adierazpenetan esan du horrek galera ekonomikoa eragingo diola enpresari, baina une honetan «lehentasuna» osasuna izan behar dela. CCOO sindikatuak salatuta zuen Lan Ikuskaritzan fabrika horretako langileak «ziurtasun gabeziako egoeran» zeudela. Ohartarazi zuen oinarrizko segurtasun neurriak ez zirela betetzen ari, segurtasun tartea edo maskara erabiltzea adibidez, ez ekoizpen lerroetan, ez jantokian. Berria jakin zenean, ELA sindikatuak —gehiengoa du enpresan—, jarduera «segituan» etetea galdegin zuen. Enpresak halakorik egin ezean, gobernuari esku hartzeko eskatu zion. Azpimarratu zuen martxoan hasi zirela aurreneko positiboak, eta sindikatuak ordutik ari zirela segurtasun baldintza egokiak eskatzen. Lantokiak ikuskatzeko neurrien inguruan galdetuko dio EH Bilduk Nafarroako Gobernuari.
2020-8-29
https://www.berria.eus/albisteak/186146/olatua-ez-da-eten.htm
Kirola
Olatua ez da eten
1980ko hamarkadan izan zen surfaren loraldia Zarautzen, eta kirol horren erakusleiho izan da ordutik herriko hondartza. Surflariek diote surfak bere bilakaera izan duen arren ez dela aldatu itsaso barruan sentitzen dena, eta horrek lotzen dituela.
Olatua ez da eten. 1980ko hamarkadan izan zen surfaren loraldia Zarautzen, eta kirol horren erakusleiho izan da ordutik herriko hondartza. Surflariek diote surfak bere bilakaera izan duen arren ez dela aldatu itsaso barruan sentitzen dena, eta horrek lotzen dituela.
Ameriketako Estatu Batuetatik eta Australiatik zetorren kirol bat zen surfa. Hasieran, arrotza zen gehienentzat. Baina Zarautzek (Gipuzkoa) bere egin zuen. 1970eko hamarkadan hasi zen horretan, eta 1980koan izan zuen loraldia. Ordutik, bien lotura ez da hautsi. Olatuaren gorenean segitzen du surfak herrian. Biek izan dute beren bilakaera, eta biek ikasi behar izan dute elkarrekin bizitzen eta elkar egokitzen. Baina aldatu ez dena haren funtsa da. «Teknologia eta kirola saltzeko modua aldatu dira, baina ez itsasoa barruan sentitzen eta bizitzen dena. Horrek berdin jarraitzen du», nabarmendu du Mikel Troitiñok, aitzindarietako batek. Sentimendu eta bizipen horiei hitza jarri diete Aitor Frantzesena Gallo, Aritz Aranburu eta Nadia Erostarbe herriko surflariek: askatasuna, gozamena, zirrara naturarekiko lotura... Hirurek lortu dute nazioartean lehiatzea, eta Zarautzen izena munduan barrena eramatea. Troitiñok argi du zein den Zarautzek surfarekin duen loturaren arrazoia: «Itsasoa da Zarautzen erakusleihoa. Hondartzaren gainean eraikitako herria da, eta kokapenak erosotasun handia ematen dio surf egin nahi duenari. Hori, garai batean, funtsezkoa zen, materiala oso pisutsua eta astuna zelako». Olatu mota«ona» dela nabarmendu du Erostarbek. «Ez da olatu bortitz bat, ibilbide luzekoa baizik, eta, horri esker, errazagoa da surfean aritzea. Ikasten hasteko, oso aproposa da Zarauzko hondartza. Gainera, belaunaldiz belaunaldi transmisio on bat egiten jakin da. Ni horren adibide naiz. Gurasoek eta ahizpak ere surf egiten dute. Guretzat, surfa kirol bat bainoago, bizitzeko modu bat da». Aranburu bat dator horrekin. «Zarautzen, txikitatik ikusten eta bizitzen duzun zerbait da surflariak olatuak hartzen ikustea, eta horrek praktikatzera eraman gaitu asko eta asko. Nik txikitatik izan nuen kuriositate hori. Malekoitik gurasoekin paseoan nindoanean, beti geratzen nintzen begira, txundituta». Frantziarekiko gertutasuna aipatu du Frantzesenak. «Europara Frantziatik iritsi zen surfa: materiala, dokumentalak... Eta gu hain gertu egonda, eragina hona ere iritsi zen. Zabalkundea errazagoa izan zen». Hasieran, herriko surflari gehienak autodidaktak ziren. Troitiñok oso gogoan du nola hasten ziren: «Orduan, ez zegoen eskolarik. Ez genuenez taularik, gainera, ur izkinan jarri, eta, kanpotik zetozen surflariei taulak ihes egiten zienean, lagundu egiten genien. Orduan, ohola ez zen hankara lotzen. Hala, olaturen bat hartzen uzten ziguten, eta horrela hasten ginen ikasten». Ondoren, beste kirol batzuetan geratu bezala, jakintzaren transmisioa profesionalizatu egin zen. Eskolak sortu ziren. 1988an sortu zen lehena Zarautzen. Bultzatzaileen artean ziren Troitiño eta Frantzesena. Eskolaren bidez, herritar gehiagoren artean zabaldu zen surfa. «Barre egiten ziguten askok, zorotzat hartzen gintuzten. Baina aurrera egin genuen, gure metodologia pedagogikoa sortuz. Artean ez zegoen, eta hutsak eginez lortu genuen. Azkenean, apustua ona zela aitortu ziguten, egindako lana funtsezkoa izan baita, batez ere pedagogikoki». Aranburuk eskolen lana nabarmendu du: «Teknikatik harago, surfaren barruan dauden arauak eta balioak ikasteko eta barneratzeko, asko laguntzen dute. Gainera, transmisio lan bat egiten ere lagundu dute». Alde horretatik, bera bezalako surflari gazteek «ardura bat» dutela sentitu du. «Gauza polit asko egin ditzakegu, orain artekoen bideari segida emanez. Izan ere, gure aurrekoak gabe ez ginateke hemen egongo, eta, orain, guri dagokigu lan horretan laguntzea». Erostarbek argi du eredu onak izan dituztela. «Ziurrenik, horregatik atera dira hainbeste surflari on hemendik. Goi mailara iritsi ez arren, surfean izugarri ondo aritzen ziren surflariak izan ditugu hemen, eta haiei begira ikasi dugu gutariko askok. Izan ere, praktikatzen ez ezik, begiratzen ere asko ikasten da. Isilean asko erakutsi diguten surflariak eta irakasleak egon dira». Belaunaldien artean dagoen lotura hori ere goraipatu du Frantzesenak. «Harreman ona dugu guztien artean, eta hori da herrian surfa hain bizirik egoteko gakoetako bat. Nahiz eta batzuetan eskolen kontua ez den behar bezala araututa egon». Egun sei-zazpi eskola daude, eta kritika txiki bat egin du Troitiñok. «Kasu batzuetan, eskoletatik harago, surfeko materiala saltzeko lekuak ere badira, eta negozio izaera hartu dute». Aldaketa itsasoan Materialen bilakaera, eskolen hedatzea... Horrek guztiak aldatu egin du garai batean hondartzan zegoen irudia, eta egun dagoena. Lehen baino askoz surflari gehiago daude orain Zarautzen uretan. «Banaketa ere diferentea da. Egun, hiru multzo moduko ikusten dituzu. Olatuak apurtzen diren lekuan ikasten ari direnak daude; ondoren, pixka bat gehiago dakitenak; eta, barruan, gehien trebatuak eta olaturik handienak hartzen dituztenak. Gainera, hondarretan jende asko ikusten da irudiak hartzen eta bideoak grabatzen. Lehen, berriz, denak atzean egoten ginen, olatu handiak hartzen. Askotan, adostuta, bik olatu bera hartzen genuen, eta taula ere trukatzen genuen probatzeko», azaldu du Toritiñok. Udatik kanpo ere irudia aldatzen da. «Bakarka ikusten dira gehiago surflariak. Gainera, gaur egun, itsasoaren egoerari eta eguraldiaren iragarpenari asko erreparatzen zaio; egoera aldekoa ez denean, jende gutxiago egoten da. Datozenak barnealdeko herrietatik datoz, neguan mendia eta snow egiten dutenak eta beste sasoietan surf egiten dutenak». Laurek uste dute egun «hobetu» egin dela bainuzaleen eta surflarien arteko elkarbizitza. Honela azaldu du errealitate hori Frantsesenak. «Guk gure tokia egiten jakin dugu, eta egungo errealitatera egokitzen. Bestalde, bainuzaleak konturatu dira, segurtasun ikuspegitik, surflariak uretan egotea ona dela. Babes moduko bat gara. Edozein pertsona arriskuan badago, gure egitekoa da haiei laguntzera joatea». Dena den, batez ere udan, onartu dute urte batzuetan masifikazio bat izan dela. «Ni, adibidez, udan kanpora joaten saiatzen naiz. Horregatik, eta hemen olatu onak irailetik aurrera izaten direlako. Ordutik aurrera egoten gara lasai hemen, eta gustura aritu gaitezke surfean, bai lehiari begira, baita plazeragatik ere». Gai horrek eman du zeresana urte hauetan herrian. «Ekonomikoki, ziurrenik, etekina ekarri dio surfak herriari. Baina, bestalde, kudeaketa desegoki baten erruz, asko pribatizatu da naturgunea. Ez da kudeaketa iraunkor bat egin», dio Troitiñok. Udala «nahiko galduta» ibili da arlo horretan haren arabera: «Batez ere, turismo ereduari lotuta. Eragile bakoitzarekin bere erabakia hartu du, ez da ikuspegi oso eta orokor batetik egin. Gehiago izan da ezjakintasunagatik fede txarragatik baino». Etorkizunari begira, eredu hori zehaztu, eta surfari lotutako kalitatezko turismo bat lortzea da erronketako bat, Aranbururen ustez. «Beste leku batzuetan, askoz hobeto egin dute hori, eta badugu horretaz zer ikasia. Iparraldera jotzea besterik ez dugu horretaz jabetzeko, eta ikusteko surfari lotuta kalitatezko turismo bat ere lor daitekeela. Garbi izan behar da nolako jendea erakarri nahi dugun, eta eskaintza egoki bat egin, eragile guztiekin elkarlanean. Kalitatea bilatu behar da, ez kantitatea. Sinetsi egin behar dugu horretan, Zarautzek ezaugarri guztiak dituelako horretarako, eta surflariok ere eskaintza on bat lortu nahi dugulako. Oreka bat lortu behar da». Aranburuk berak, adibidez, taberna bat du surfari lotuta, eta gizarte programa bat du horren barruan. «Horren barruan, autismoa duten umeei eskolak ematen dizkiegu, beraien terapiaren eta integrazioaren parte gisa. Hori da kalitatezko eskaintza bat sustatzeko modu bat. Hortik harago, jendeak kirola egiteaz gain, esperientzia bat nahi izaten du, eta hori indartu behar dugu. Balio asko ditu surfak». Frantzesenak surf egokitua egiten du:«Lehen oso zaila zen ezintasunen bat zuen pertsona batek surf egitea. Orain, berriz, bai, eta Zarauzko hondartza bere lekua egiten ari da horretan, oso egokia baita». Beste erronketa bat itsasoaren kutsadurari aurre egitea da. «Plastikoz beteta dago, eta ez dugu nahikoa egiten hura zaintzeko», nabarmendu du Frantzesenak. Ados dago Troitiño. Baina baikortasun mezu bat ere eman du. «Lasaitzen nauena da belaunaldi berriak horrekin kezkatuta ikusten ditudala. Kontzientziatuta daude horrekin. Beti daude ekintzarako prest: adibidez, itsasoan garbiketa lanak egiteko. Gainera, hirigintza proiektuei begira, natura babesteko araudia gogortu egin da. «Ni ikusita nago Zarauzko hondartza kirol portu bilakatzeko proiektua, dike handi batzuk eginda. Gaur egun, hori pentsaezina eta ezinezkoa litzateke; jende guztiak esango luke astakeria litzatekeela. Horretan izan da aldaketa bat»
2020-8-28
https://www.berria.eus/albisteak/186147/unai-etxeberriaren-kaleratzea-espainiako-kongresura-eramango-du-eajk.htm
Kirola
Unai Etxeberriaren kaleratzea Espainiako Kongresura eramango du EAJk
Granadaren erabakiak «atezainaren adierazpen askatasunarekin talka» egiten duela adierazi dute.
Unai Etxeberriaren kaleratzea Espainiako Kongresura eramango du EAJk. Granadaren erabakiak «atezainaren adierazpen askatasunarekin talka» egiten duela adierazi dute.
EAJk «onartezintzat» jo du Granadak Unai Etxebarria Altsasuko gazteen aldeko elastikoa erakusteagatik kanporatu izana, eta gaineratu du erabakiak «atezainaren adierazpen askatasunarekin talka» egiten duela. Jeltzaleak prentsan argitaratutako informazioan oinarritu dira, eta, horren arabera, Granadak zigor espedientea ireki zion atezainari, taldea Europako Ligarako sailkatu zeneko ospakizunetan Altsasuko gazte atxilotuen aldeko elastiko bat erakutsi zuelako. EAJk adierazi du «hainbat albisteren arabera, espediente hori kaleratze bihurtu» dela. Iñigo Barandiaran diputatu jeltzaleak «onartezintzat» jo du kaleratzearen balizko arrazoia, eta «arrazoi ideologikoengatiko diskriminazioa» baieztatuz gero, «eskubideen urraketa larritzat» hartuko luke, «lan arloan zein arlo zibilean». Barandiaranek hiru galdera zuzendu dizkio idatziz Espainiako Gobernuari: «Uste al du Gobernuak kontatutakoa bezalako kaleratzeak bateragarriak direla lan legedarekin?»; «Uste al du Gobernuak bere agenteen bidez —lan ikuskaritzaren bidez— zaindu beharko lituzkeela adierazitakoa bezalako jokabideak?»; eta azkenik, «Onartzen al du Gobernuak, adierazpen askatasuna baliatuz, erabaki judizialekin edo gobernu erabakiekin desadostasuna egon daitekeela, eta erabaki hori baliatzen dutenek ez dutela beren eskubideen beldur izan behar?». Mertxe Aizpurua EH Bilduko diputatuak ere kritikatu du Etxebarriaren kaleratzea, eta adierazi du «adierazpen askatasuna eta beste eskubideak besteentzat omen» direla. Mikel Buil Nafarroako Ahal Duguko parlamentariak elkartasuna adierazi dio jokalariari, eta zera gaineratu du: «Voxek irabazi du, eta demokraziak galdu».
2020-8-30
https://www.berria.eus/albisteak/186148/ikusten-denaren-atzean-dagoena.htm
Kultura
Ikusten denaren atzean dagoena
Bost film eta bost sekuentzia hautatu ditu Urkijok ariketarako. Pantailaren alde bietan jarri du arreta aukeraketa egiteko: ikustean sorrarazi zizkioten sentsazioak azpimarratu ditu, batetik, eta istorioak pantailaratzeko moduak, bestetik. Bostak izan ditzake bere ikuskeraren adibide, sortzaile nahiz ikusle gisa egindako bidean marka utzi dutenak baitira.
Ikusten denaren atzean dagoena. Bost film eta bost sekuentzia hautatu ditu Urkijok ariketarako. Pantailaren alde bietan jarri du arreta aukeraketa egiteko: ikustean sorrarazi zizkioten sentsazioak azpimarratu ditu, batetik, eta istorioak pantailaratzeko moduak, bestetik. Bostak izan ditzake bere ikuskeraren adibide, sortzaile nahiz ikusle gisa egindako bidean marka utzi dutenak baitira.
Zinemagintzarako pasioa pantailaren bi aldeekin uztartzen du Paul Urkijok (Gasteiz, 1984). Zinemazalea da, ikuslea, eta, aldi berean, zinemagilea ere bai, sortzailea. Eta horrek aukera ematen dio pelikulen xehetasunetan arreta jartzeko: izan istorioari dagozkionak, edo izan arlo teknikokoak. Bada, pasio horren adibide izan daitezkeen bost film hautatu ditu elkarrizketarako: bost film, bost zuzendari eta bost sekuentzia kuttun, nor edo zein bere arrazoiengatik. «Batetik, ikusle moduan asko gustatzen zaizkidan sekuentziak daude, eta, bestetik, asko esaten dutenak, gutxirekin oso sinboliko bilakatu direnak, edo teknikoki izugarriak iruditzen zaizkidanak». Zuzenean edo zeharka, ezaugarri horiek atzeman daitezke haren lanetan ere. Errementari izan zuen bere lehen film luzea Urkijok, Patxi Errementaria ipuinean oinarri hartuta ondu zuena. Bigarren filma prestatzen ari da orain: Irati. Gidoia amaituta dauka, eta finantzaketa ixten eman du azken asteak. «Ideia da aurreprodukzioarekin hastea laster; aurretik egin beharreko lan handia dauka filmak, eta hilabete asko beharko ditugu prestatzeko». Datorren urtean filmatu nahiko luke. Bitartean, Dar-Dar film laburra ondu du. Elezahar batean oinarritutako istorioa du oinarrian: «Elezahar horren beldur puntua muturreraino eraman dut, ahalik eta beldurgarriena izan dadin. Zuri-beltzean egin dut, oso opresiboa da, oso iluna, eta mutua». Udazkeneko zinema jaialdietan erakutsiko du. Juan Carlos Fresnadillo. 2007 Koronabirusaren pandemia garaiotan, beste pandemia bati buruzko pelikula bat aukeratu du Urkijok zerrendarako aurrena: 28 Weeks Later. Erresuma Batuan hedatutako birus hilgarri baten ondorena du filmak oinarri, eta Danny Boyle zinemagilearen 28 Days Later filmaren bigarren zatia da. Milaka pertsona hil birusak, baina egoera kontrolatuta egunerokora itzuli nahian ari dira Londres inguruan. «Filmak izugarrizko inpaktua eragin zidan», aitortu du Urkijok. Zintaren hasieran, lehendabiziko sekuentzian jarri du mira zinemagileak. Hainbat lagunen itxialdiarekin hasten da filma: landa eremuko etxe batean ezkutatuta daude, kanpoan dagoen pandemia baten beldur. Halako batean, ordea, birusarekin kutsatuta dauden zonbiak agertuko dira, eta ihes egin beharrean izango dira. «Tentsio eta emozio handiko sekuentzia bat da, eta pelikularen lehen minutuetan bertan ikus daiteke». Ikuslearengan eragiten dituen sentimenduek ez ezik, ezaugarri teknikoek ere erakarri zioten arreta: «Sekuentzia bera nola dagoen filmatuta ikaragarria iruditzen zait: 16 milimetroko kamera batekin, zein kamera mugimendu dituen... Muntaketa ere ikaragarria da, eta musikarekin uztartzeak benetan ileak puntan jartzen dizkio edonori. Oso erreferentziala iruditzen zait». Urkijoren irudikoz, filmaren unerik «onena» da. «Ia-ia, film labur bat izan zitekeen» . Sekuentziaren indarrak eragindako «zirrara» nabarmendu badu ere, Urkijok azpimarratu du filmak ez duela lotura handirik bere lanekin, nahiz eta generoa hurbileko sentitu. «Nik ez ditut zonbien pelikulak egiten, eta nire kameraren tratamendua ere desberdina da. Baina sekuentzia teknikoki aipagarria iruditzen zait, eta ikusi nuen lehendabiziko aldian zirrara berezi bat sorrarazi zidan». David Lynch. 2001 Izen handiko zinemagilea da David Lynch (Missoula, AEB, 1946), eta haren filmek arrastoa utzi dute askorengan, nola sortzaileengan hala ikusleengan. Erreferentzia da Urkijorentzat ere, eta horregatik hautatu du haren lan bat zerrendarako: «David Lynchek oso marka pertsonala dauka, eta askorentzat da eredu; niretzat ere bai». Estilo eta mundu zinematografiko baten sortzailea da Lynch, eta haren marka nabarmena da narrazioaren eraikuntzan edota irudiaren tratamenduan, esate baterako. Hori dela eta, Urkijok uste du beharrezko figura dela zinemagile ororentzat: «Zinemagile guztiok izan beharko genuke David Lynchen itzala gure inguruan beti». Aitortu du, halere, Lynchen lanen artean Mulholland Drive ez dela bereziki gustukoen duen filma; nahiago ditu Eraserhead edo Lost Highway, kasurako. «Unibertsitate garaian ikusi nituen lehen aldiz, eta asko markatu ninduten». Baina «buruan iltzatuta» geratu zitzaion Mulholland Drive filmeko sekuentzia bat: taberna batean, gizon batek leku horrekin izandako amets baten berri ematen dio beste bati , eta bere ametsa nola gauzatzen den ikusten du aldi berean. «Etengabe haziz joango den tentsio eta suspense giro bat sortzen du horrek ikuslearengan. Ikaragarria da nola teknikoki horren sinplea izanda, nola ateratzen dion zukua kontakizunari». Bada, Urkijoren arabera, ezaugarri horiek egiten dute sekuentzia «suspense ariketa borobila» izatea. «Amesgaizto bat balitz bezala da. Zuzendariak horrekin jolasten du. Tentsio handiko une bat igaro osteko gorputzaldi edo sentsazio hori, ezinegon hori eragiten du». Filma argigarri izan daiteke Lynchen mundu propioa ulertzeko, Urkijok gogora dakarrenez. Batez ere, neo-noir atmosferaz eta misterioz betetako sekuentziengatik. «Baina, hain zuzen, istorio sekuentzia independente bat ere izan daiteke, aparte kontatzeko modukoa. Film labur bat izan zitekeen. Eta horrek ere egiten du berezi». Oliver Stone. 2004 Alexandro Handia konkistatzaile ospetsuaren bizitzan oinarrituta Oliver Stone (New York, AEB, 1946) zinemagileak egindako filmak askotariko iritziak eragin zituen estreinatu berritan: izan ziren filma txalotu zutenak, baina asko izan ziren, halaber, kritika gogorrekin zigortu zutenak ere. Pertsonaiarekin eta gertaerekin egoki jokatu ez izana egotzi zioten zuzendariari. «Filma ez da industriak saldu ohi dituen ohiko pelikula epiko bat. Sekuentzia oso pertsonalak nahasten ditu epikoagoak direnekin, eta istorioaren estruktura narratiboa ere ez da halako filmek izan ohi dutena. Oso desberdina da, sakonagoa da. Industriak zigortu egin zuen, baina egotzi zizkioten kontu horien guztien azpian badu zerbait, eta niretzat ikaragarri ona da». Eta, hain zuzen, kontakizunaren egituran egin du azpimarra Urkijok, eta horren atzean ezkutatzen den edukian. «Hitz egiten du gizakiaren edo helenismoaren bilakaeraz, Alexandrok gizateriaren iluntasunetik argi heleniko horretara egiten duen bidaiaz, antzinatasunaz eta mitoez, heroi baten porrotez. Istorioak atzean duen edukia sekulakoa da». Filma «opari txikiz» osatuta dagoela iruditzen zaio, eta horietako bat da, hain zuzen, aukeratutako sekuentzia: Alexandro eta haren armada Indiara iristen direneko unea nabarmendu du, zehazki. «Narratzaileak kontatzen du nola iristen diren oihanera, eta nola une horretan bertan gizaki txiki batzuek eraso egiten dieten. Baina berehala jabetzen gara gizaki txiki horiek tximinoak direla. Eta, hala, bat-batean, plano bakarrean erakusten ditu homo sapiens bat, neandertal bat eta tximino bat. Plano bakarrean irudikatzen du giza eboluzioaren teoria». Urkijok aitortu du askorentzat «txikikeria» izan daitekeela, eta oharkabean pasatuko zaiola gehien-gehienei. «Baina sekuentziak erakusten du zenbat lan dagoen erakutsi eta kontatu nahi denaren atzean». Terry Gilliam, Terry Jones.1975 Umore talde aitzindaria izan zen. Seikoterik ospetsuena: Monty Python. Umore absurdo eta surrealista ardatz hartuta, Monty Python's Flying Circus (1969-1974) telebista saioekin egin ziren ezagun, baina Monty Python and the Holy Grail Arthur erregeari buruzko parodia zikloarekin egin zuten zinemarako jauzia. Jonesek eta Guilliamek zuzendu zuten filma, eta, arrakasta izateaz gain, umorea egiteko modu lotsagabe bat erakutsi zuten, taldeak aurreragoko lanetan landu zuena. «Nire hiru filmik gustukoenen artean dago», dio Urkijok. «Elkarrizketa guztiak dakizkit buruz, eta sekuentzia guztiak gustatzen zaizkit». Bat aukeratzekotan, baina, Sir Lanceloten erreskatearena aukeratuko luke. Filmeko sekuentziarik luzeena da, eta Monty Phytonen umorearen erakuslerik argigarriena. «Askotan hitz egiten dut zaldun beltzaren sekuentziaz, muntaketagatik eta duen biolentzia absurdoagatik. Baina sekuentzia honek badu umore mota bat gaur egun egiten ez dena. Absurdoa da, umoretsua da, hippya da, bortitza da... dena du sekuentzia honek. Eskema guztiak hausten ditu». Monty Python taldeak umorea egiteko erakutsi zuen moduak bere sormenean eragin nabarmena izan duela uste du Urkijok, batez ere, umore beltzak: «Umore hori absurdoa da, baina baita politikoa eta beltza ere. Eta nik uste dut egiten ditudan lan guztietan badagoela umore beltz kutsu hori, askotan malahostia hori azaleratzeko baliatzen dudana». Ridley Scott. 1979 «Maisulan bat da». Hitz horiekin definitu du Urkijok Alien, Ridley Scott (South Shields, Ingalaterra, 1937) zinemagilearen bigarren filma. «Ikono bat da: zientzia fikzioaren eta beldurrezko generoen artean egin den pelikularik borobilena da, nire ustetan». 1979an estreinatu zen, eta inflexio puntu bat eragin zuen bai generoaren lanketan eta baita zuzendariaren ibilbidean ere. «Ikono bat da bisualki sortzen duen bertigo existentzialagatik, eta bere ikonografia eta estetikagatik». Gogora ekarri du nola filma ikusi zuen lehen aldian zelako zirrara eragin zion munstroa gizon baten sabeletik ateratzen zen uneak. Eta nola ondoren, ikus-entzunezkoaren lengoaian murgildu eta sakondu zuenean jabetu zen filmaren «azpitestu subertsiboaz»: «Alien pelikula feminista bat da. Badu azpitestu matriarkalista bat, mitologikoa, sinbolikoa dena». Eta nola azaldu hori? Bada, Urkijoren arabera munstroaren kontzeptuan eta mekanikan atzeman daiteke hori. «Filmaren diseinua oso sexuala da, eta Alienaren diseinua ere oso falikoa da». Aukeratutako sekuentzia da horren adibide, hain zuzen. «Alienak aurpegia bortxatzen du, eta, ondoren, gizonari zakil baten itxurako Aliena ateratzen zaio bularretik. Tokirik erosoenean, zurienean eta garbienean gertatzen da bortxaketa odoltsua. Bisualki oso sexuala da, eta oso errebeldea bere garairako: ezohikoa eta probokatzailea nolabait». Eta erantsi du pertsonaien eta kontakizunaren eraikuntzan ere atzeman daitekeela hori. «Sistemaren parte direnak etengabe ari dira protagonistaren aurka egiten. Alien-en sekueletan ere antzeko eraikuntza dago, baina film hau aitzindaria izan zen».
2020-8-29
https://www.berria.eus/albisteak/186149/hezkuntzako-sindikatuak-jaurlaritzaren-neurrien-aurka-agertu-dira.htm
Gizartea
Hezkuntzako sindikatuak Jaurlaritzaren neurrien aurka agertu dira
Sindikatuen arabera, aurkeztutako protokoloa «berandu eta gaizki» iritsi da.
Hezkuntzako sindikatuak Jaurlaritzaren neurrien aurka agertu dira. Sindikatuen arabera, aurkeztutako protokoloa «berandu eta gaizki» iritsi da.
Ikasturtea hasteko protokoloa aurkeztu du Jaurlaritzak, eta egindako aldaketa nagusietako bat ikasturtea hasteko eguna da. Horrez gain, Hezkuntza Sailak ziurtatu du 1.000 irakasle gehiago kontratatzea aurreikusi dutela geletan ikasle gehien dituzten ikastetxeetarako. Jaurlaritzak ezarritako neurrien aurka atera dira sindikatuak, horien artean ELA, CCOO eta LAB. ELAk protokoloa «berandu eta gaizki» iritsi dela salatu du, eta sindikatuaren ustez, protokoloak «zehaztasun eza, inprobisazioa eta aldebakartasuna» ezaugarri dituzten neurriak jasotzen ditu. Sindikatuak adierazi duenez, «mailakako itzulera da berritasun bakarra, eta horrek ez dakar osasun prebentzioaren berme gehigarririk», eta protokolo berria Jaurlaritzaren «propaganda hutsa» baino ez da. LABen arabera, «Hego Euskal Herriko gobernuek adierazitako osasun eta hezkuntza neurriak ez dira nahikoa», eta gaineratu du «Eusko Jaurlaritza motz eta itxurakerian» agertu dela medioen aurrean, «neurririk adostu gabe eta hezkuntza komunitateak dituen beharrei entzungor eginez». Horrez gain, adierazi du adierazpenek «marketing itxura» dutela, eta sindikatuek «adierazitako mobilizazio dinamika baretzeko helburu hutsa dutela» dirudiela. CCOO Irakaskuntzak adierazi duenez, aurkeztutako neurriak «ez dira nahikoak, urrun daude euskal irakaskuntzako langileek dituzten zalantza izugarriak konpontzetik, eta euskal gizarteak agertutako lasaitasun zurrumurruak isilarazi baino ez dute egin nahi». Horrez gain, sindikatuak adierazi du falta direla, besteak beste, «irakasleak hezkuntza emozionalean eta online baliabideetan trebatzeko neurriak, garbiketako eta sukaldaritzako langileen birusen aurkako prestakuntza espezifikoa, ikasleei eskola jantokietan arreta emateko araudi espezifikoa eta hezkuntza laguntzako langileentzako oinarrizko jarraibideak». Kontratazio berriei dagokienez, adierazi du ez duela ulertzen horiek «dagoeneko gertatu ez izana, Sailak uztailetik ezagutzen baititu ikastetxe bakoitzean aurreikusitako matrikulazioak». Steilas ere gogor mintzatu da Jaurlaritzaren neurrien aurka; iruditzen zaio ez direla nahikoa, «berandu» hartu dituztela eta «zalantzaz beteta» daudela. Ana Perez bozeramaileak kritikatu du neurriak abuztu amaieran jakinarazi dituela Jaurlaritzak, ikasturtea hasteko egun gutxiren faltan, eta gaineratu du mila irakasleren kontratazioa behar direnak baino askoz gutxiago direla; sindikatuen kalkuluen arabera, 6.000 gehiago behar dira gutxienez: «Hilaren 2an uste dugu baja asko egongo direla. Hezkuntza publikoa osatzen dugun 20.000 langileeetako asko arrisku faktore izango dira eta ezingo dira lantokira joan; eta badakigu beste askok positibo eman dutela edo berrogeialdian daudela inguruan positiboak dituztelako». Horregatik, uste du Jaurlaritzak iragarritako mila kontratazioak ez direla nahikoa izango bajak ordezkatzeko ere: «Ez da beharrezkoa iraila iristea esateko zein eskolak behar duten irakasle gehiago. Hori guk geuk esan dezakegu».
2020-8-29
https://www.berria.eus/albisteak/186150/gainazalaren-distirak.htm
Kultura
Gainazalaren distirak
Euskal Herriko animazio esperimentala ulertzeko ezinbesteko izena da Vicariorena, eta alor horretakoak dira zerrenda osatzeko aukeratu dituen film guztiak ere. Hamarreko zerrenda bat osatu du lehenik, eta bostera errenditzea onartu, gero. Itxura hutsa da, ordea. Milaka film ikusten ditu berak bost titulu horien mantupean ezkutatuta.
Gainazalaren distirak. Euskal Herriko animazio esperimentala ulertzeko ezinbesteko izena da Vicariorena, eta alor horretakoak dira zerrenda osatzeko aukeratu dituen film guztiak ere. Hamarreko zerrenda bat osatu du lehenik, eta bostera errenditzea onartu, gero. Itxura hutsa da, ordea. Milaka film ikusten ditu berak bost titulu horien mantupean ezkutatuta.
Zinemagintzaz hitz egiten hasi ahala, infinituraino multiplikatzen eta adarkatzen dira filmen izenak eta autoreen erreferentziak Bego Vicarioren ahotan (Caracas, 1962). Euskal Herriko animazio esperimentalean aitzindari izan zen 1990eko hamarkadan, eta, hainbat urteko etenaldi baten ostean, azken aldian, sorkuntzarekin uztartzen du berriz ere Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultatean egiten duen lana. Animaziozkoak dira elkarrizketarako hautatu dituen film kuttun guztiak ere, eta guztiak daude sarean ikusteko moduan. «Absurdoa iruditzen zitzaidan inork ikusi ezin dituen filmak aipatzea». Baina pantaila handia bezalakorik ez dagoela ere esan du berehala. Hamar pelikulako zerrenda bat osatu du lehenik, baina kexarik txikiena azaldu gabe onartu du multzoa seira errenditzea ondoren, eta bostera murriztea gero. Itxura hutsa da, ordea, zeren eta ehunka filmen arrastoak ezkutatzen ditu bost titulu horietako bakoitzak Vicarioren begietan. Bere etxeko ordenagailuaren pantailaren aurrean eserita, bata bestearen atzetik jarraitzen die aztarna itzal horiei, eta eszenarik eszena dabil saltoka haren sagua. «Ikusi, ikusi, hau zoragarria da». Tarteka soilik eteten ditu azalpenak eszena bati sakonago erreparatzeko, baina berehala ekiten dio berriz, eta hala bi orduz, harik eta, ohartzerako, sareko bilaketen historialean animaziozko zinemagintza esperimentalari buruzko antologia pertsonal labur baten arrastoak utzi arte: sekuentziaz sekuentziako autorretratu zatikatu bat. Marjane Satrapi eta Vincent Paronnaud. 2007 «Pelikula modu tradizionalean dago eginda, azetatoekin, jadanik inork egiten ez duen moduan. Nik uste dut Frantzian bakarrik egin ditzaketela halako bizioak orain. Oso arte polita du pelikulak». Urtero jartzen die Marjane Satrapi eta Vincent Paronnaud zuzendarien filma ikasleei. Marjane Satrapi komikigilearen izen bereko lan autobiografikoa du oinarri pelikulak, eta Irango historiak erabat blaitutako gaztaroa kontatzen du. Iraultzak, gerrak, errepresioa, zentsura, matxismoa, dogmatismo erlijiosoa, arrazismoa... Dena kontatzen du umore puntu dirdiratsu batekin, ordea, eta, hain zuzen ere, ikuspuntu berezi hori da Vicariori erakargarri suertatzen zaiona. «Lezio ikaragarria da. Dramaren erdian barre egiteko aukera ematen duten eszenak nabarmenduko nituzke nik pelikula honetan». Hainbat sagu jauziren ostean, ordu eta erdiko pelikula osotik, zentsurari buruzko sekuentzia aukeratu du Vicariok. «Hori, adibidez». Teheran, 1992. Iraultzaren zaintzaileak eskola atarian, adi, eta haien artean, oinez, protagonista eta bere bi lagunak emakumeentzako eskolarantz, ilea zapiz estalita, mutil kontuei buruz barrez. Irakaslea Botticelli pintoreaz ari da arte klasean, Udaberria koadro ezagunaz, zehazki, baina erabat estalita dago ia margolan osoa, biluzi guztiak ezkutatzeko. Apenas ikusten diren aurpegi bat, maskorra eta bi hanka airean flotatzen. Bitartean, protagonistak irakaslearen irudi bat marraztu du lagunen pozerako, sudurrari zakil itxura emanez. «Oso-osorik eta jarraian bitan ikusiko nuen», esan du Vicariok, «zatika, hamaika aldiz». Dioenez, «trukoa» dauka filmak. «Ematen du oso sinplea dela marrazkia, linea oso garbia duelako eta mantxak: beltza, grisa eta zuria, baina animazioa oso ona da. Ez da batere sinplea. Estudiatuta daude keinuak eta bolumenak. Irudiek ez dute inoiz bolumenik galtzen». Oihaneko eszena bat dakar pantailak gero. Sastraka artetik agertzen dira protagonista eta mutil bat. «Hori. Hori adibidez, Lotte Reiniger dago hor. Alemanian, Hitlerren garaian bizi izan zen zinemagile bat». Jauzi berriz saguak, eta, ohartzerako, 1926. urteko Achmed filmaren irudiak datoz pantailara. Oskar Fischinger artistak marraztutako paisaiak. Klik. Klik. Klik. Sastraka eta oihanak han ere. «Bai, nik uste dut hortik heltzen dela Persepoliseko eszena hau. Gutxi da, baina berehala errekonozitzen da. Ikusten?». Jan Svankmajer. 1983 «Ez dugu edertasuna bilatzen: inperfekzioa bilatzen dugu». Kimuak proiekturako hautatu berri dute Vicariok eta beste bederatzi sortzailek elkarlanean sortutako Ehiza filma, eta, berez, lan hari buruzko azalpenetan atera zaio edertasunari buruzko gogoeta, eskapatuta bezala, baina berdin balio dezake bere sekuentzia hautaketa deskribatzeko. Hautatu dituen film gehienek dute halako gordintasun berezi bat. Eskulangileen lanekin gertatzen den bezala, Vicariok hautatutako film guztietan ikus daiteke zinemagilearen eskuaren aztarna. Jan Svankmajer zinemagile txekiarraren kasuan, adibidez, nabarmen. Hamalau minutukoa da filma, erraz topa daiteke Youtuben, eta hiru atal ditu. Hirurak komunikazioari buruzkoak. «Edo inkomunikazioari buruzkoak, hobeki esanda», zehaztu du Vicariok. Barazkiak, paperak, sardexkak, buztina eta, kasik-kasik, eskura duen edozer baliatzen du zinemagileak filma sortzeko. «Svankmajer oso ezaguna da denetariko materialak erabiltzen dituelako, eta kapaza delako guztiak animatzeko». Film honetan, ordea, gizakien arteko inkomunikazioa irudikatzeko duen modua da Vicariori gehien gustatzen zaiona. «Alegoria borobil bat da». Irudiei begira emandako isiltasun tarte baten ostean, alor digitalaren eta analogikoaren arteko aldeei buruz gogoeta egiteko baliatu du aukera Vicariok. «Arte haptikoarena kontzeptu interesantea da mundu digitalaz eta analogikoaz hitz egiteko. Ukigarri diren gauzei egiten die erreferentzia kontzeptuak. Gaur egun, egia esan, dena da digitala, baina uste dut ulertzen dela lan digital batzuen itxura apain eta zaindua aipatzen badut, itxura artifizial eta aseptiko hori. Svankmajerrenak joko optikoak dira, baina lortzen du harriak ere mugimenduan jartzea, eta haren irudiak ikusten ditugunean, usaindu egiten ditugu; haren pelikula batzuk ikustean, herdoilaren zaporea datorkigu. Istorioaz gain, esperientzia fisiko hori ematea oso inportantea da, eta istorioarekin batera badator, ba, biribila da». Caroline Leaf. 1974 «Hau da aukeratu ditudanen artean gehien gustatzen zaidana». Zortzi minututik beherako film labur bat da, Caroline Leafen lehen-lehen lanetako bat: inuiten herri kondaira bat du oinarri, eta harearekin egiten ditu hura irudikatzeko marrazki guztiak zinemagileak. Irudiz irudi hondarra pixka bat mugitu, eta hala sortzen du animazioa. Bereziki maite du teknika hori Vicariok ere, eta Pregunta por mí (1996) film sarituan baliatu zuen, esaterako. «Harearekin ezin duzu txorakeriarik egin. Eskukada bat hondar besterik ez da, xafla argiztatu baten gainean: irudi positiboa eta negatiboa dituzu, beltza ala zuria, eta xafla mehea denean, lor dezakezu gris moduko bat. Baliabide minimo horiekin egin behar duzu dena. Eta Caroline Leafen filmean badago sekuentzia bat erakusten duena nola pasatzen den egun oso bat lau elementu bakarrik erabilita, eta ikaragarria da». Antzara batekin ezkontzen den hontzaren istorioa kontatzen du filmak. Txita batzuk ere badituzte elkarrekin. Migratzeko unea heltzen da, eta hegan doaz antzarak, dotore, eta atzetik hegan hontza ere, ezinean bera. Eta orduan dator Vicarioren sekuentzia kuttuna. «Plano sekuentzia bat da. Ikusten dugu antzara taldea, eta atzetik dator, distantzia batera, hontza. Begira. Eguzkia ezkerretik atera, eskuinerantz eta beherantz doa. Ateratzen da ilargia orain, badoa, atzean ikusten da lakua, murgiltzen dira lakuan denak, eta zuritik beltzera pasatzen da irudia: gaua. Hori dena bakarrik hondarrarekin. Maisulan bat da. Sekuentzia hori ikaragarria da». Hartzaileak zinemagintzan duen garrantziari buruz gogoeta egiteko ere balio dio filmak Vicariori. «Leafek kontatzen du lana estreinatu aurretik filma erakutsi ziela inuitei, eta barrez lehertzen egon omen zirela hontzarekin. Haien tradizioa bestelakoa da. Ez zuten enpatiarik. Kontrakoa. Tonto hutsa iruditzen zitzaien eta barre egiten zuten. Ito egiten da bukaeran, eta guretzako oso tristea den arren, haientzat oso barregarria zen. Irudiak, segun non, ez dira berdin ikusten». Michael Dudok de Wit. 2000 Aita galdu duen ume baten istorioa kontatzen du Michael Dudok de Witen filmak. Hamar minutu eskas, eta, gainontzeko film gehienen kasuan bezala, hitz bakar bat ere ez. Biolin doinu malenkoniatsu bat zabaltzen dute bozgorailuek Vicarioren etxeko gelan, eta badator azalpena, hasieran, teknikari buruzkoa: «Hau akuarela da, eta oso-oso sintetikoak dira marrazkiak. Oso tonu gutxi ditu, baina horrekin moldatzen da, eta linea horizontal eta bertikalak darabiltza». Baina, kasu honetan ere, horrekin uztartuta dagoen beste zerbait da zinemagilearen atentzioa ematen duena. «Denbora zelan pasatzen den kontatzen du pelikulak. Hasieran neskatxa gaztea denean eta bere aitaren bila doanean, amona zahar bat eta gizon heldu bat gurutzatzen ditu, adibidez, baina pelikulako une batean egoera aldatu egiten da, eta protagonista hasten da gurutzatzen bera baino gazteago diren pertsonekin, eta pertsonaiaren mugimendua ere aldatu egiten da adinaren arabera. Oso polita eta oso tristea iruditzen zait». Eta isilik jarraitzen du filmari begira tarte batez gero. «Bai, mugimendu oso polita dauka». Eta berriz isiltasuna. «Azkeneko eszena nabarmenduko nuke nik pelikula honetan». Jiri Trnka. 1965 «Jiri Trnka oso autore inportantea da mundu mailan oso inportantea izan den zinemagintza txekiarrean, baina hasi, txotxongiloentzako ikuskizunentzako gidoiak idazten hasi zen». Vicariok azaldu duenez, Euskal Herrian egun ia galdutzat dago ofizioa, eta nagusiki umeekin lotuta egon da hamarkada luzez. Europa erdialdean, ordea, oso indartsu eutsi zion txotxongilogintzak, eta ez zen umeen mundura soilik murriztu. Tradizio horri estu lotuta dago Trnkaren izena ere. Ofizioa gaurkotu eta garaikide bilakatzeko bidea ikusi zuen animazioan zinemagileak, eta Ruká lanean ere, esaterako, zurezko txotxongilo bat da filmeko protagonista. Eta Vicariok dioenez, egileak asmatzen du txotxongilogintzari buruzko jakintza metatu hori guztia zinemara moldatzen. «Begira, txotxongiloari ez zaio aurpegia aldatzen film guztian, zurezkoa da, beti berdina, baina gorputzaren posturen eta mugimenduen bidez, oso argi ikusten da noiz dagoen triste, noiz pozik, noiz haserre». Etxean duen tornuan loreontziak egin nahi ditu txotxongiloak, baina esku erraldoi baten eskultura egitera behartuko du esku erraldoi batek berehala. Noski, botereari buruzko kritika argia da ia hemezortzi minutuko filma. Gardena da mezua. Sobietar Batasunaren eraginpeko lurraldeetako bat zen Txekia Trnkak filma sortu zuenean, eta garai hartako agintariek ez zuten begi onez jaso zinemagilearen salaketa. «Kritikariek eta historiagileek esaten dute zentsuratu egin zutela, baita Pragako zinemagilerik ezagunena izan arren ere». Animazioari, zinemagintzari eta bere herrialdeko tradizioei eskainitako ibilbide luze baten ostean, Trnkaren azken filma izan zen Ruká, eta datu hori ere nabarmendu du Vicariok. «Gehigarri bat da datu hori pelikula ikusterakoan». Isiltasun tarte batzuk, eszenatik eszenarako jauzi gutxi batzuk, hiru klik, eta, konturatzerako, Txekiako egungo zinemagintzari buruzkoa da Vicarioren jarduna. Michaela Pavlatovaren Repete filma erreproduzitzen dabil jadanik pantaila. «Ezin dut ebitatu», barrez Vicariok. «Begira ze polita, nola doazen apurka-apurka planoak eta koloreak nahasten». Eta jarraitzen dute izenek, pelikulek, sekuentziek adarkatzen eta adarkatzen. Hasieratik zegoen argi: azpian milaka filmeko itsaso bat ezkutatzen duen gainazalaren distira sorta besterik ez dira zerrendako bost tituluak.
2020-8-28
https://www.berria.eus/albisteak/186151/agerraldi-bat-atzeman-dute-sestaoko-adinekoen-zentro-batean.htm
Gizartea
Agerraldi bat atzeman dute Sestaoko adinekoen zentro batean
23 pertsona kutsatu dira: hemeretzi egoiliar eta lau langile.
Agerraldi bat atzeman dute Sestaoko adinekoen zentro batean. 23 pertsona kutsatu dira: hemeretzi egoiliar eta lau langile.
COVID-19 agerraldi bat atzeman dute azken orduetan Sestaoko Albiz Santiago Llanos zahar etxean (Bizkaia); hemeretzi egoiliarrek eman dute positibo PCR proban, eta lau beharginek. Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi duenez, positibo eman dutenetako bat erietxera eraman dute. 115 egoiliar eta 96 langile daude zentro horretan. Positibo eman duten egoiliarretatik lauk sintomak dituzte. Gainera, diputazioak jakinarazi duenez, Bizkaiko zahar etxeetako beste hiru egoiliar hil dira koronabirusak jota, eta guztira hamar dira COVID-19aren udako hazkundean zehar Bizkaiko zahar etxeetan hildakoak. Gaur-gaurkoz, Sestaokoaz gain, adinekoen beste sei egoitzatan daude COVID-19 kasuak herrialde horretan; Truiuondo-Zamudion (26), Bilboko IMQ Igurko Zorrozgoitin (32), Elordui-Barrikan (27), Barakaldoko Miranda Fundazioan (1), Bilboko Ballesolen (5) eta Elorrion (13).
2020-8-30
https://www.berria.eus/albisteak/186152/hiri-bat-saski-barruan.htm
Kirola
Hiri bat saski barruan
Emakumezkoek ekin zioten aurreko mendearen lehen erdian saskibaloian jokatzeari Gasteizen, eta, handik urte batzuetara, gizonezkoak batu zitzaizkien. Ordutik, hazi eta hazi ari da, eta Arabako hiriburua erreferentzia lekuetako bat da.
Hiri bat saski barruan. Emakumezkoek ekin zioten aurreko mendearen lehen erdian saskibaloian jokatzeari Gasteizen, eta, handik urte batzuetara, gizonezkoak batu zitzaizkien. Ordutik, hazi eta hazi ari da, eta Arabako hiriburua erreferentzia lekuetako bat da.
Saskibaloiko baloi handi eta zahar bat, antzinakoa. Oraingoen aldean astuna, munduko bola zirudiena jokalarien eskuetan. Auskalo nola heldu zen Gasteizera, baina eskutik eskura, oraindik bertan jarraitzen du. Biribiltasun horretan, iraganaren, orainaren eta etorkizunaren mapak dauzka marraztuta Arabako hiriburuan. 80 urte badira saskibaloia hirian azaldu zenetik, eta emakumezkoen bidez egin zuen sarrera. 36ko gerra amaitu ondorengo urteetan izan zen hori, eta handik hamarkada batera batu zitzaizkien gizonezkoak. Ikastetxeetan azaldu zen: Corazonistetan, Marianistetan... Hasi eta berehala, emakumezkoen taldea Espainiako Bigarren Mailako txapeldun izan zen. Arrakasta horrek piztu zuen suziria, eta jokalari bat nabarmendu zen: Josefina Añua. Urteen joanean, hamaika talde sortu ziren, eta batzuek mailak igo zituzten: Vitoria, Areitio, La Blanca, Gasteiz, Agurain eta Divino Maestro. Vitoriak eta Divino Maestrok Lehen Mailarako jauzia ere eman zuten, nahiz eta aurrenekoak ez zuen jokatu goreneko ligan, diru faltagatik. Divino Maestrori Arabak eman zion segida. 1993an jaio zen kluba, eta hortik atera ziren Abaroa taldea sortu zuten emakumezkoak. 2001ean izan zen, eta Livia Lopez zuten presidente, gerora Arabako eta Gasteizko emakumezkoen saskibaloian mugarria izan dena. Duela hamar urte, Abaroak eta EHU Arabak bat egin, eta Araski Arabako Emakumeen Saskibaloia sortu zuten. Liga nagusian dabil orain lehen taldea, eta Lopezen (presidente izan zen iaz arte) lehengusu Madelen Urieta da entrenatzailea (Amurrio, Araba, 1981). Ondo baino hobeto ezagutzen du hiriko saskibaloia. Jokalari izan zen Abaroan, eta 15 urte zituenetik entrenatzaile lanetan hasi zen: «Gaur arte», esan du. «Saskibaloia nire bizitza izatea nahi nuenez, aukera bakarra entrenatzaile izatea zen, eta horrela hasi nintzen». Horretarako, jakina, gustatu egin behar kirola bera: «Umea nintzela, eskolako klaseak galtzen nituen saskibaloian jokatzera joateko. Lagun gehienak mutilak nituen, eta haiek saskibaloian ere jokatzen zutenez, aukera ederra zen niretzat». Ume hura, zaletasunari segika, entrenatzaile onenetako bat izateraino heldu da. Araski 2016an igo zen Lehen Mailara, eta urtez urte aurrerapausoak ematen ari da. Lehen taldea baino zerbait gehiago da, ordea, Araski: «Harrobia lehen taldea bezain garrantzitsua da, eta klubaren parte izatearen sentimendua sartzen ari gara bertan, harro senti daitezen Araskikoak izateagatik». Etengabe hazten ari da kluba, eta datu honek ematen du horren berri: 50 lagun eta jokalari hasi, eta orain 300 baino gehiago dira. Kirola eta emaitzak uztarri berean doazela ezin da ezkutatu, eta garbi dauka hori Urietak: «Emaitza onak nahi ditugu, baina ez bakarrik irabazi. Lehen taldeak pistatik helarazten duenak heldu behar du harrobira. Dena eman behar da, eta hori erakutsi behar zaie haurrei. Galdu gehiago egiten da, eta horrekin ere bizi behar da». Arabako haurren erreferenteak emakumezkoak ere izatea nahi du, eta hori ere bada Araskiren oinarrietako bat:«Gure harrobikoek ezagutzen dituzte lehen taldeko jokalarien izenak, eta hori harrotasuna da guretzat». Mendizorrotza, 'santutegi' Harrotasuna den bezala hiriko saskibaloian leku preziatua den Mendizorrotza kiroldegian jokatzea: «Badu zerbait berezia. Lehenengo Mailan jokatu genuen aurreneko denboraldian, aurkari askok argazkia ateratzen zuten bertan», kontatu du Urietak. Urte eta hamarkada batzuk atzera egin behar da kiroldegi ezaguna eta saskibaloia uztartu ziren garaietara joateko. Gizonezkoen bidez izan zen, Baskoniak bertan jokatu zuelako 1990era arte, Araba pabiloira igaro bitarte. Milaka zalek ikusi dute saskibaloia kiroldegi zaharrean, eta orain ere, Araskiren bidez, Baskoniako hainbat zalerentzat iraganera itzultzea bezalakoa da Mendizorratzara joatea. Iruri Knorr (Gasteiz, 1979) da horietako bat. Saskibaloizale amorratua, Radio Vitoriako emanaldietan iritzi emaile aritzen da, eta Saski Baskoniako Marketing sailean ere aritu izan da lanean. «Familiatik datorkit pixka bat zaletasuna, larunbatetan, etxekoen bazkaria egin eta gero Mendizorrotzara joaten ginelako Baskonia ikustera». Osaba, Gorka Knorr, klubeko zuzendaritzan egon zen hainbat urtez, eta urteetan atzera eginez, Gasteizko talde mitikoa izan zen KAS-en knortarrak zeuden, edarien enpresa ezaguna sortu zutelako 1912an, La Esperanza izenaz. Mendizorrotzan ikusi zuen Essie Hollis jokatzen, eta gogoan dauzka haren jokaldi ikusgarriak: «Guk jokatzen genuenean, saskiratze ikusgarri bat sartzen genuenean, 'Hollisen saskiratzea' deitzen genion». Orain, berriz itzuli da Mendizorrotzara Araskiren zale, ikusle eta iritzi emaile moduan: «Polita da berriz ere maila horretako saskibaloia ikustea». Ez du alferrik esan «berriz ere», maila handiko jokalariak ikusia baita Baskoniaren bidez. Tituluak irabazi dituenean ere lekuko izan da, eta klubaren bilakaera ondo ezagutzen duenez, harrotasunez atera zaio ondorengoa: «Aurreneko tituluetan, ez ginen jabetzen. Uste genuen segituan pasatuko zela arrakasta hura, ez genekien berriz Europan noiz jokatuko genuen, adibidez. Baina lan handia eginez, Europan oso proiektu sendoa egin da pixkanaka. Izen bat du Baskoniak. Harrotasunez begiratu behar diogu horri, hiri txiki batean halako zerbait izateari». Gogoeta bera egin du Araskiz ere: «Eredu dira. Etorkizunean ikasi egingo dugu nola ari diren gauzak egiten, Gasteizko jokalariak nola zaintzen dituzten, harrobikoak nola hazten eta zaintzen dituzten». Baskoniaren aurretik, KAS Gizonezkoen Gasteizko talde nagusia sortu zenerako, hasia zen saskibaloia hedatzen. 1959an sortu zuen Vasconiak taldea, baina ez zen hiriko talde bakarra. Corazonistak, Marianistak eta San Jose ikastetxeetan hasi zen zabaltzen, eta han zebilen Xabier Añua (Gasteiz, 1935), Josefinaren lehengusua. Ez zuen Baskonian jokatu, Philipsen baizik (gero Vitoria eta KAS izan zena). KASen entrenatzaile izan zen, Bartzelonara eta Antibesera (Frantzia) joan aurretik, eta Lehen Mailara igo zuen taldea. Europan ere jokatu zuen. Bi izen nabarmentzen ditu hiriko saskibaloiaren bilakaeran: «Jose Luis Sanchez Erauskin Santxon-ek izena euskaratu zuen, Baskonia bihurtuz, eta presidente zela, erabaki zuen ikurrin handi batekin ateratzea jokatzera Atletico San Sebastianen aurkako partidan. Zaleentzat sekulakoa izan zen, eta Baskonia abertzaleen taldea bilakatu zen. Bestea Josean Kerejeta da. Kudeatzaile aparta; kluba Europako elitera eraman du». Jokalari izan zuen Añuak egungo presidentea 1985ean: «Lehen titulua irabazi genuen, Asoziazio Kopa, Hollisekin eta Kerejetarekin, besteak beste». Gero, beste titulu batzuk irabazi ditu Baskoniak: ACB liga lau aldiz, Espainiako Kopa sei bider, eta Europako Errekopa behin. Añuak dioen bezala, «azkenean, aurrera egitea izan da leloa beti Gasteizko saskibaloian».
2020-8-29
https://www.berria.eus/albisteak/186180/positiboen-kopuruak-berriz-ere-milakoa-gainditu-du-hego-euskal-herrian.htm
Gizartea
Positiboen kopuruak berriz ere milakoa gainditu du Hego Euskal Herrian
Emandako datuen arabera, azken orduetan 1.027 positibo erregistratu dituzte Hego Euskal Herrian. Bidarteko zahar etxe batean bi kasu positibo atzeman dituzte, eta Gasteizko Ertzaintzaren polizia etxean, hamahiru.
Positiboen kopuruak berriz ere milakoa gainditu du Hego Euskal Herrian. Emandako datuen arabera, azken orduetan 1.027 positibo erregistratu dituzte Hego Euskal Herrian. Bidarteko zahar etxe batean bi kasu positibo atzeman dituzte, eta Gasteizko Ertzaintzaren polizia etxean, hamahiru.
Hego Euskal Herrian 1.027 positibo atzeman dira azken orduetan, atzo -931 izan ziren- baino 96 gehiago: Araban 112, Bizkaian 539, Gipuzkoan 210 eta Nafarroan 161. Beste bost kasuak EAEtik kanpo bizi diren herritarren artean atzemandakoak dira. Guztira, 12.035 PCR proba egin zituzten. Hain zuzen, abuztuaren 27an erregistratutako datu berbera da gaurkoa, martxoaz geroztik kopururik handiena. Eusko Jaurlaritzak eskainitako datuen arabera, ospitaleen egoerari dagokionez, beste 44 pertsona ospitaleratu dituzte, eta zaintza berezien unitatean 32 pertsona daude. Nafarroako Gobernuak ere datuak eman ditu, eta, jakinarazi duenez, Nafarroan beste bederatzi ospitaleratu dituzte, eta orotara zortzi pertsona daude zainketa intentsiboetako unitatean. Beraz, guztira, Hegoaldean berrogei dira ZIUetan dauden pertsonak. Are, Nafarroako Gobernuak adierazi du azken orduetan ez dela birusaren ondorioz inor hil. Jaurlaritzak, aldiz, ez du hildakoen informaziorik eskaini. Herriz herriko datuak eta R0 indizearen berri astelehenean emango du. Positibo kopuru handienak non dauden ere azaldu du Nafarroako Gobernuak. Hain zuzen, Iruñean eta Iruñerrian positiboen %44 daudee; Tuteran, %28, eta Lizarra aldean, %13. Gainera, Tuterako Uvesa enpresa behin-behinean itxi behar izan zuten, lantaldearen %28k positibo eman zuelako. Adin tarteari dagokionez, kutsatuen bataz besteko adina 38,6 urtekoa da Nafarroan, eta, batez ere 15 eta 29 urte artekoak ari dira kutsatzen; laurden bat baino bi puntu gehiago, zehazki. Ondoren, 45 eta 59 urte arteko pertsonen artean identifikatzen dira positibo gehienak. Kasu positibo gutxien, berriz, 75 urtetik gorako pertsonen artean atzematen dira. Azken orduetan Bidarteko (Lapurdi) zahar etxe batean bi positibo ere zenbatu dituzte. Asteartean irisi ziren emaitzak, eta, geroztik, osasun protokolo zorrotza ezarri du zahar etxeak: biharamunetik ez da bisitarik. «Lehen sintomak atzeman zirenetik bakartu ziren bi pertsonak», adierazi du Bidarteko alkate Emmanuel Alzurik. Euskal Kosta Ospitalean daude bi gaixoak, Baionan. Zahar etxeko gainontzeko egoiliarrak euren geletan daude, itxita. Ertzaintzaren polizia etxea Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi du Gasteizko Ertzaintzaren polizia etxean hamahiru kidek positibo eman dutela PCR proban azken hamabi egunetan, eta etxean bakartuta daudela. Horiekin kontaktu zuzena izan duten beste 32 pertsona ere berrogeialdian daude emaitzen zain. Erantsi dutenez, osasun agintariek ezarritako protokoloak «zehatz» betetzen ari dira, eta baita guneak garbitzen eta desinfektatzen ere. Are, adierazi dute osasun adituek beste neurri batzuk hartzeko beharra identifikatzen badute hala egingo dutela.
2020-8-29
https://www.berria.eus/albisteak/186181/adolfo-freytter-romero-irakaslearen-heriotzan-erantzukizuna-duela-aitortu-du-kolonbiak.htm
Mundua
Adolfo Freytter Romero irakaslearen heriotzan erantzukizuna duela aitortu du Kolonbiak
Adolfo Freytter Romero irakaslearen heriotzan erantzukizuna duela aitortu du Kolonbiak.
Adolfo Freytterren familiarekin agiri bat izenpetuz, Kolonbiako Estatuak aitortu du Atlantikoko Unibertsitateko irakaslearen hilketaren erantzulea ere badela. Bart sinatu dute akordioa, eta zehazki Freytterren legez kanpoko atxiloketan, desagerketan, torturan eta hilketan izan zuen erantzukizuna aitortu du estatuak, baita gertatutakoa ikertu eta argitu ez izana ere. Adolfo Freytter Romero duela hemeretzi urte hil zuten, 2001eko abuztuaren 28an edo 29an, Barranquillan. Unibertsitateko irakaslea eta ekintzailea zen, eta sindikatuen hainbat ekintzatan parte hartzen zuen hil zutenean. Aurtengo urtarrilean haren hilketa gizateriaren aurkako krimen gisara izendatu zuen Kolonbiako Fiskaltzak. Kolonbiako Autodefentsa Batuetako paramilitarrek hil zuten Freytter, Kolonbiako Poliziaren eta Armadaren laguntzarekin. Gizon talde armatu batek etxetik atera eta leku ezezagun batera eraman zuen. Torturatu egin zuten, eta poltsa buruan jarrita hil zen, itota. Errepide bazter batean utzi zuten gero, tiro eginda. Familiak 2004ko urtarrilaren 30ean aurkeztu zuen eskari bat estatuari bere erantzukizuna aitortzeko eskatuz.
2020-8-29
https://www.berria.eus/albisteak/186184/lekeitio-itxi-egingo-dute-antzara-egunean-bertan-eta-bezperan.htm
Gizartea
Lekeitio itxi egingo dute Antzara Egunean bertan eta bezperan
Jaiak bertan behera utzi dituzte, baina ezohiko neurriak hartuko dituzte kanpotik herrira inor ez sartzeko. Kanpotarrei ez joateko eskatu diete.
Lekeitio itxi egingo dute Antzara Egunean bertan eta bezperan. Jaiak bertan behera utzi dituzte, baina ezohiko neurriak hartuko dituzte kanpotik herrira inor ez sartzeko. Kanpotarrei ez joateko eskatu diete.
Lekeitioko Udalak (Bizkaia) bertan behera utzi ditu aurten sanantolinak, eta, inolako ospakizunik ez dela egongo ziurtatzeko, herria itxi egingo du Antzara Egunaren bezperan eta egunean bertan: irailaren 4an eta 5ean soilik han bizi direnak, han lan egiten dutenak edo hotel batean erreserba eginda dutenak sartu ahal izango dira herrian; ez da garraio publikorik izango, gainera, herrira sartzeko, eta itsasoz ere ezingo da heldu. Udalak dio herriko eragileekin hartutako erabakia dela. Koldo Goitia alkateak bando batean adierazi duenez, egoera larria da koronabirusaren eraginez, eta jaien gainetik«guztion osasuna dago». Horregatik, arduraz jokatzera deitu du. Gernikan gertatutakoa errepikatzea eragotzi nahi dute. Bandoak dio udal talde guztien erabakia dela, eta bizilagunei eskatu diete ez egiteko festara edo jendea pilatzera bultza dezakeen ezer, batik bat, irailaren 1ean jaitsieraren egunean eta 5ean Antzara Egunean. «Izan gaitezen konponbidea eta ez traba bat. Ez dezagun utzi birusa hedatzen, kontrolaezina izan litekeen egoera batera iristeko. Gure ekintzek ondorio larriak ekar ditzakete guregan eta maite ditugunongan. Izan gaitezen zentzudunak eta izan dezagun errespetua».
2020-8-29
https://www.berria.eus/albisteak/186185/chadwick-boseman-hil-da-black-phanter-filmeko-protagonista.htm
Kultura
Chadwick Boseman hil da, 'Black Phanter' filmeko protagonista
Aktore estatubatuarrak 43 urte zituen, eta izar handia bilakatu eta berehala zendu da koloneko minbiziaren ondorioz
Chadwick Boseman hil da, 'Black Phanter' filmeko protagonista. Aktore estatubatuarrak 43 urte zituen, eta izar handia bilakatu eta berehala zendu da koloneko minbiziaren ondorioz
Marvelen zinema unibertsoak galera handia izan zuen atzo. Chadwick Boseman aktorea, Black Phanter superheroia askorentzat, Los Angelesen (AEB) hil zen, 43 urte besterik ez zituela. Urteak zeramatzan telebistarako lanean, baina Black Phanter filmean T'Challa Pantera Beltza-ren rola jokatu izanak ekarri zion mundu mailako ospea 2018an. Ez zen Marvel etxeko superheroi horren rola betetzen zuen lehenengo aldia, Captain America: Civil War (2016) agertu baitzen aurrenekoz, baina Black Phanter-en protagonismo osoa eskuratu zuten hala pertsonaiak berak nola aktoreak. Gerora, Marvelen beste bi pelikulatan azaldu zen Boseman: Avengers: Infinite War eta Avengers: Endgame. Black Phanterren pertsonaia zinemara eraman aurretik, Bosemanek AEBetako kultura beltzaren beste hainbat hainbat ikonoren rolak bete zituen. 42 (2013) filmean Jackie Robinson izan zen, AEBetako beisbol liga nagusira iritsi zen lehenengo jokalari beltza; eta Get on Up-ek (2014), berriz, James Brown soul kantari ezaguna bilakatzeko balio izan zion. Bosemanen azken lanetako bat Da 5 Bloods izan zen, Spike Leek aurten Netflixen estreinatu duen filma.
2020-8-29
https://www.berria.eus/albisteak/186186/kristoff-nagusi-anabasa-betean.htm
Kirola
Kristoff nagusi, anabasa betean
Eroriko asko izan dira Tourreko lehen etapan, eta UAEko txirrindularia izan da bizkorrena esprintean.
Kristoff nagusi, anabasa betean. Eroriko asko izan dira Tourreko lehen etapan, eta UAEko txirrindularia izan da bizkorrena esprintean.
Abiatu da Frantziako Tourra. COVID-19aren eraginez, ezohiko data eta baldintzekin. Eta ezohikoa ere izan da lehen etapan izandako anabasa. Euria eta eguraldia tarteko, eroriko ugari izan dira. Gutxi izango ziren hotelera zauri edo kolperik gabe joan diren txirrindulariak. Nahas-mahas horretan Alexander Kristoff (UAE) nagusitu da. Abiadura puntua galdua zen, baina eguraldiak mesede egin dio, euriarekin ondo moldatu izan baita beti. Hala, bera da lasterketako lehen liderra. Hasieratik izan da mugitua lasterketa. Hiru txirrindularik egin dute aurtengo lehen ihesaldi ahalegina: Michael Scharrek (CCC), Fabien Grellierrek (Direct Energie) eta Cyril Gautierrek. Baina tropelak gertutik zaindu ditu. Gehienez hiru minuturen aldea edukitzen utzi diete. Euria hastearekin batera hasi dira lehen erorikoak, eta tropelean urduritasuna antzematen hasi da. Ez ziren eroriko larriak, baina bai etengabeak, eta asko izan dira kideei lasaiago joateko eskatu dieten txirrindulariak. Batez ere Rimiezeko hirugarren mailako mendatearen jaitsiera sigi-sagatsuan. Eroriko horien lehen kaltetuak Pavel Sivakov (Ineos), Julian Alaphilippe (Deceuninck Quick Step) eta Sam Benett (Deceunick-Quick Step) izan dira, atzean geratu baitira, eta taldekideen laguntza behar izan dute. Riminzetik bigarren aldiz igaro eta gero, Jumbo Vismak hartu du tropelaren gidaritza, eta, iheslariak harrapatu ostean, tropelean ados jarri dira lasaiago joateko, gehiago ez erortzeko. Hortik aurrera, esprinterren taldeak lasterketak kontrolatzen aritu dira. Hiru kilometro falta zirenean gertatu da azken erorikoa. Bertan, lasterketa irabazteko hautagaietako bat kaltetu da: Thibaut Pinot (FDJ). Denborarik galdu ez arren, ez zuen aurpegi ona frantziarrak, eta taldekideek babestuta iritsi da helmugara. Esprintean hoberen moldatu dena Kristoff izan da, eta, besteak beste, aurrea hartu die Mads Pederseni (Trek), Cees Boli (Sunweb), eta Peter Sagani (Bora).
2020-8-29
https://www.berria.eus/albisteak/186187/pintaketa-faxisten-aurkako-protesta-egin-dute.htm
Politika
Pintaketa faxisten aurkako protesta egin dute
Kanbon eta Ezpeletan ehunka pertsona batu dira Faxismoari ez leloa zabaltzeko
Pintaketa faxisten aurkako protesta egin dute. Kanbon eta Ezpeletan ehunka pertsona batu dira Faxismoari ez leloa zabaltzeko
Abuztuaren 25ean hainbat pintaketa faxista eta arrazista agertu ziren Kanbon eta Ezpeletan (Lapurdi). Gurutze zeltikoen marrazkien ondoan, Frantzia frantziarrentzat, eta Frantzia lehenik, zuria beti bezalako esaldiak tindatu zituzten, frantsesez. Gainera, lehenago Mikel Barriosen atxiloketaren harira eginak izan ziren pintaketak ezabatu zituzten, eskuin muturreko mezuekin ordezkatzeko. Horren salatzeko mobilizazio bat antolatu zen Kanbon abuztuaren 26an, baina ondoko gauean, gisa bereko pintaketa gehiago agertu ziren. Hala, gaur arratsaldean, ehunka pertsonak manifestaldia egin dute Kanboko herriko etxetik abiatuta, faxismoaren kontra. Faxismoari ez. Ez hemen, ez nihun lelodun pankarta eraman dute manifestazioan. Kanboko Gaztetxeko kideek «ustelkeria» horiek fermuki kondenatzen dituztela adierazi dute. Herriko auzapez Christian Devezek salaketak jarri ditu pintaketen kontra. Bihar eguerdian elkarretaratze «errepublikar» batean parte hartzera deitu du.
2020-8-29
https://www.berria.eus/albisteak/186189/errefuxiatuei-bidea-ixten-dieten-hesi-maltzur-eta-altuez-ohartarazi-dute.htm
Gizartea
Errefuxiatuei bidea ixten dieten hesi «maltzur eta altuez» ohartarazi dute
Migratzaileen lan esplotazioren eta armen esportazioaren aurkako mezuak ozendu ditu Mugak Zabalduz karabanak.
Errefuxiatuei bidea ixten dieten hesi «maltzur eta altuez» ohartarazi dute. Migratzaileen lan esplotazioren eta armen esportazioaren aurkako mezuak ozendu ditu Mugak Zabalduz karabanak.
Migratzaile eta iheslarien aldeko egitasmo sorta sustatzen du Mugak Zabalduz karabanak Europa osoan; horri atxikita, Bizkaian ekitaldi ugari egin dituzte gaur, eta helburu nagusia izan dute propio aurtengorako karabanaren sustatzaileek ondu duten manifestuak dioena nabarmentzea: errefuxiatu eta migratzaileei bidea ixten dieten hesi «maltzur eta altuez» ohartaraztea. Karabana osatzen duten elkarteek Balkanetara eraman nahi zuten aurten aldarria, milaka errefuxiatuk han egoera aski gogorra «pairatzen» dutela gogora ekarrita, baina pandemiak eragotzi egin die hara joatea. Bermeon abiatu dute gaur egitaraua; migratzaile askok pairatzen duten «lan esplotazioa» salatzea izan da han helburuetako bat. Etxeko Langileen Elkarteko kolaboratzaile Maria Juncayk hartu du hitza, eta, bereziki, alor horretako beharginen egoeraz ohartarazi du. Emakume migratzaileek jardun behar izaten dute maiz etxeko langile, egoera aski kaskarretan gehiegitan, eta lan baldintza egokiak bermatze aldera, legean «hutsuneak» daudela deitoratu du. Esan du «presazkoak» direla egoera hori onbideratzeko neurriak; izan ere, izurriak hainbat egoera larri gordindu egin ditu. Eskubideen defentsa «hautazkorik» ez dela gogoratu du. Izan dira aldarri gehiago ere. Arratsaldean, esaterako, Barakaldora jo du karabanak. ITP Aero enpresan geratu dira. Eusko Jaurlaritzaren laguntzak jasotzen dituen enpresa bat dela gogoratu dute, eta jarduera militarrei begirakoa duela ekoizpena. KEMeko Alberto Estefaniak hartu du, besteak beste, hitza. Gogora ekarri du gerrak «gizateriaren aurkako krimena» direla, eta «bulego aski dotoreetan planifikatzen» direla. Ezinbestekotzat du «armagintza eta armen esportazioa» salatzea: «Gerra hemen hasten da. Gera dezagun hemen». Bihar Plentziara eta Gorlizera joatera deitu dute: migratzaileen erregularizazioaren aldeko kanpaina bat abian da, eta horren gaineko xehetasunak emango dituzte. Itsaso ondoan nola egongo diren, lore eskaintza bat egingo dute han bertan; Europara heltzeko ahaleginetan bizia galdu duten iheslariak oroituko dituzte. EBri kritika egin diote Karabanak gogor salatu du Europako Batasunak iheslarien errealitatearen aurrean hartu duen «norabide autoritarioa». COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioz, iheslarien egoera okertu dela adierazi du, eta, hala ere, jarrera horretan irmo dirauela, «praktika nekropolitikoak biziberritzeko estrategia berrituetan» katramilatuta. Balkanetan iheslariek pairatzen dituzten hainbat egoera larriren inguruan ohartarazi nahi izan du, bereziki, karabanak. Esaterako, Kroaziako mugako poliziek herrialde islamdarreko iheslariei egindako «umiliazioetako» bat salatu nahi izan du: buruetan «gurutze kristauak» marrazten dizkiete. Tankerako bidegabekerien aurrean entzungor, Europako Batasuneko politikak, oro har, mugak «gehiago blindatzera eta migratzaile irregularrak kanporatzera» doazela adierazi du. Eskari ugari plazaratu ditu karabanak. Lehen-lehena errefuxiatuen erregularizazioa bermatzea da: «Premiazko erregularizazio iraunkorra administrazio egoera irregularrean dauden pertsona guztientzat». Eskakizun gehiago ere baditu: atzerritarrei zuzenduriko legeak eta araudiak indargabetzea, migratzaileak atxikitzeko zentroak ixtea, Frontex desegitea, eta mugan bertan egiten diren itzulketak bertan behera uztea, besteak beste. «Elkartasuna herrien eta pertsonen arteko bide komuna da behartutako joan-etorriak eragiten dituzten zergatien aurrean», nabarmendu du. «Ezin dugu beste aldera begiratu edo gure herrialdeetan zailtasun ekonomiko asko ditugula argudiatu».
2020-8-30
https://www.berria.eus/albisteak/186212/gure-eguneroko-artea.htm
Kultura
Gure eguneroko artea
Saidi (Baix Cinca, Herrialde Katalanak, 1954). Idazlea, kazetaria eta irakaslea da Merce Ibarz, Ikus-entzunezko Komunikazioan doktorea Pompeu Fabra unibertsitatean. Avui egunkarian hasi zuen kazetaritza ibilbidea, eta literatur jardunean La terra retirada lanak egin zuen ezagun 1993an. Lan berrienen artean ditu L'amic de la Finca Roja (Tusquets, 2017) eta Triptic de la terra (Anagrama, 2020). Vilaweb agerkari digitaleko zutabegilea ere bada.
Gure eguneroko artea. Saidi (Baix Cinca, Herrialde Katalanak, 1954). Idazlea, kazetaria eta irakaslea da Merce Ibarz, Ikus-entzunezko Komunikazioan doktorea Pompeu Fabra unibertsitatean. Avui egunkarian hasi zuen kazetaritza ibilbidea, eta literatur jardunean La terra retirada lanak egin zuen ezagun 1993an. Lan berrienen artean ditu L'amic de la Finca Roja (Tusquets, 2017) eta Triptic de la terra (Anagrama, 2020). Vilaweb agerkari digitaleko zutabegilea ere bada.
Non gaude?, galdetu du Aritzek sudurra amaren sabeletik bizitzara atera bitartean. Esan beharko diot zerbait; haren amak eta aitak beste nonbait daukate burua, eta aitona-amonak, hiritik kanpo bizi denak ere, eta ezin izan dira agertu Aritzi ongietorria egitera; halaxe tokatu da Aritz jaio den udaberri honetan. Gainera, sakelakoaren bidez egin du galdera mutikoak, argazki batetik, sua bezain gorri eta begi zeharka; argi dago ez dela guztiz fio, edo agian ez du afaldu eta goseak dago arratsaldeko zortzi eta erdiak izanik—, eta ohartu da ama, maskara jantzita, espazio sideralean hegan balebil bezala dagoela, eta aita negarrez eta barrez ari dela. Aritzek ere negar eta barre egin beharko du aldi berean, esana du-eta Rabelais zaharrak horixe egingo dugula bizitza osoan, jaiotzen garenetik. Non gauden jakin nahi duzula diozu, mutiko. Ba, ikusiko duzu. Jaioberriek ez omen dute ezer ikusten, baina agian hori ez da egia osoa: inor gogoratzen ez denez, ez dago memoria bisual konpartiturik, eta gauza hori ikertzen dutenek argitalpen akademikoetarako gordetzen dute dakitena, eta kito. Nire ustea da, e! Ez nabil inor mindu nahian, baina uko egin diot afektu orori, eta, behin adin honetara iritsita, nahi dudana esaten dut. Telefonotik begira daukadan umemokoak nire atzeko zerbait seinalatu dit begiekin. Ez lehen esan dizuedan argazkian, baizik haren aitak grazia momentu hartaz geroztik bidali didan lehen bideoan; horrela, aldi berean barrez eta negarrez ikusi dut, eta, gainera, negar-barre begi horiek dardo distiratsuak dirudite, nire atzealdera airean: nik baino hobeto ikusten du! Rabelaisen hitzetan esango dut, neure eginda, nahasterik ez izateko. Ipuin hau irakurtzen ari zareten [lagunok, Egiozue uko afektu orori, Eta ipuina irakurtzean, ez [asaldatu: Ez dauka gaitzik, ezta zornerik ere; perfektua ere ez da, hala ere. Ezer ikasten ez baduzue, egizue [barre, bederen: Nire bihotzak ezin du beste gairik [aukera, atsekabeak nola suntsitzen eta [hondatzen zaituen ikusita; hobe barreaz idaztea, eta ez [negarraz, berezkoa barrea baitu gizakiak. Begira, Aritz: halakoak gara gutxi gorabehera. Perfekzioa nahi baduzu, gaitza eta zornea onartu beharko dituzu. Gaitzik eta zornerik nahi ez baduzu —eta oraingoz ez, mutiko, nahiko gaizki pasatu dugu-eta zu amaren sabeletik noiz irtengo zain, kanpoan plaga eta izurria zebilen bitartean—, ez ezazu perfekzio handirik espero. Perfekzio txiki bat, tira, zergatik ez. Zure negar-barrea bezala, zure barre-negarra. A ze poza, aizu. Segi dezagun. Oraingoz leziorik atera ezin badugu, egin dezagun barre, bederen. Zer, izeba, zer ikasi behar dugu, ba?, galdetu dit inozo horrek, eta adi-adi begira daukat, gero eta tinkoago, eta are atzerago daukadan zerbait seinalatzen dit, eta negar eta barre egiten du. Txikiegia zara oraindik, umetxo, historiaren morala ikasten hasteko; oraingoz hobe duzu titia hartzen ikasi, kaka eta txiza egiten, lo egiten batez ere; hobe duzu doinu lotsagabez hitz egiten dizuten ahots hauek aditzen eta ezagutzen ikasi, eta ohituz joan. Ez, izeba, oraintxe jakin nahi dut. Zergatik ari da barrez osaba? Hari begiratzen dio txikiak, atzean daukadan mozolo horri, barre eta barre eta irribarre eta barre egiten duen horri; halakoxea da hura, barregizona, ze —esan diot Aritzi bera bezalako hitz txikiekin— «berezkoa barrea baitu gizakiak». Eta Aritzek sinetsi, baina berehala ekin dio berriz, beste galdera batekin: zer da atsekabea, izeba? Zer esan nahi du suntsitzen eta hondatzen zaituela? Arraioa, mutiko. Esateko modu bat da, Aritz, ez hartu dena hain estu. Zer esateko? Eta zer esan nahi du 'esateko moduak'? Itotzen hasia naiz, ez nekien izeba izatea hain korapilatsua zenik. Ume hau kutxa bat bezalakoa da, garai batean botikariek motibo bitxi irrigarriz apaindutako droga finak gordetzeko erabiltzen zituzten haiek bezalakoxea: halakoxe aurpegia dauka oraintxe Aritzek. Uste baduzu ez duela ikusten eta oraindik ez daukala ezer esateko, ikuste hutsak irribarrea eragiten dizu, ze haren aurpegitxoak, hankatxoek eta eskutxoek irribarreak marrazten baitituzte airean, baina umetxo honek ustekabean harrapatzen bazaitu, orain ni harrapatu nauen moduan, kutxa zaharra ireki egiten da, eta, hara, Rabelais maisuak arrazoi du berriz ere, filosofo zahar bat irteten baita kutxatik: ezagutza gizagaindikoa, bertute miragarria, adore menderaezina, soiltasun paregabea, poz egiazkoa, konfiantza erabatekoa, interes falta izugarria gizakien tristura iturri, korrika eta lan egiteko pizgarri, nabigatzeko arrazoi eta borrokagai den guztiaren aldera. Kale hutsak al dira, izeba, atsekabea? Ufa, zer esan. Pixka bat bai, mutiko, pixka bat badira. Ezin izan gara zu ezagutzera etorri hilabete egin duzun arte, eta salto batean hemen gara metroan! Ezagutu dituzu, izeba, kale hutsak? Bai, pixka bat bai. Eta begira, Aritz, hauxe da atsekabea: segidan esango dizkizudan hitzak egunkarian irakurri izana: sortu dugun edertasuna ez dugu ulertzen gutaz husten ez badugu. Ez kasu zipitzik egin. Ez astakeria gehiago irakurri, izeba. Askotan esaten diot, mutiko, baina ea zuri gehiago sinesten dizun, esan du nire atzean barregizonak. Arrazoi duzue. Eta barre-negar egin dugu denok batera. Itzultzailea: BERRIAko euskara taldea
2020-8-30
https://www.berria.eus/albisteak/186213/merce-ibarz.htm
Merce Ibarz
Merce Ibarz.
Saidi (Baix Cinca, Herrialde Katalanak, 1954). Idazlea, kazetaria eta irakaslea da Merce Ibarz, Ikus-entzunezko Komunikazioan doktorea Pompeu Fabra unibertsitatean. Avui egunkarian hasi zuen kazetaritza ibilbidea, eta literatur jardunean La terra retirada lanak egin zuen ezagun 1993an. Lan berrienen artean ditu L'amic de la Finca Roja (Tusquets, 2017) eta Triptic de la terra (Anagrama, 2020). Vilaweb agerkari digitaleko zutabegilea ere bada.
2020-8-31
https://www.berria.eus/albisteak/186214/elkarretaratze-bat-egin-dute-algortan-unai-etxebarriari-elkartasuna-adierazteko.htm
Politika
Elkarretaratze bat egin dute Algortan, Unai Etxebarriari elkartasuna adierazteko
Atezainak esker ona adierazi die bildutakoei.
Elkarretaratze bat egin dute Algortan, Unai Etxebarriari elkartasuna adierazteko. Atezainak esker ona adierazi die bildutakoei.
Granada Espainiako futbol taldeak Unai Etxebarria bota ostean, atzo berrehun lagun inguru elkartu ziren haren jaioterrian, Algortan (Getxo), atezainari elkartasuna adierazteko. Gu Ere Bai elkarteak deituta egin dute protesta. Granadak lehengo astean bota zuen Etxebarria taldetik, BERRIAk baieztatu ahal izan duenez, jokalariak ospakizun batean Altsasuko gazteen aldeko elastiko bat janzteagatik. Ospakizunetako argazkiak zabaldu eta berehala egin zuen protesta Vox eskuin muturreko alderdiak, eta klubak espedientea ireki zion Etxebarriari. Gero erabaki zuen kontratua etetea. Patxi Gaztelumendi Gu Ere Bai elkarteko ordezkariak elkarretaratzean esan zuen adierazpen askatasuna aldarrikatu eta elkartasuna adierazi nahi ziotela jokalariari. Etxebarriak sare sozialetan eskerrak eman zizkien han bildutakoei. Granadako hedabide batzuek kirol gorabeherekin lotu dute Etxebarriak taldean ez jarraitzea; haien arabera, beste atezain bat fitxatu du Granadak, eta, hortaz, lekurik gabe geratu da getxoztarra. BERRIAk jakin duenez, ordea, kanporaketa zuzenean lotua dago elastikoaren aferarekin. Jokalariak ez du adierazpenik egin nahi izan. Granadaren bigarren taldean aritu da Etxebarria orain arte. Iaz iritsi zen taldera, Athleticek utzita. Lehen taldeko deialdian ere izan da partida batean baino gehiagotan, baina ez du jokatu. Beste urtebeterako kontratua zeukan oraindik, 2021eko ekainera artekoa, baina bertan behera uztea erabaki du taldeak. EAJk Espainiako Kongresura eramango du Etxebarriaren kaleratzea.
2020-8-31
https://www.berria.eus/albisteak/186215/bost-pertsona-hil-dira-azken-orduetan-koronabirusak-jota.htm
Gizartea
Bost pertsona hil dira azken orduetan koronabirusak jota
Larunbatean 828 lagunek eman zuten positibo Hego Euskal Herrian.
Bost pertsona hil dira azken orduetan koronabirusak jota. Larunbatean 828 lagunek eman zuten positibo Hego Euskal Herrian.
Azken orduetan bost pertsona hil dira Hego Euskal Herrian koronabirusak jota. Bizkaiko zaharren egoitzetan lau egoiliar hil dira, eta, horiekin, hamalau dira jada koronabirusaren bigarren kolpean herrialde horietako erresidentzietan hildakoak. Bizkaiko Aldundiak jakinarazi duenez, zortzi erresidentziatan daude positiboak: Truiuondo-Zamudio (11), IMQ Igurco Zorrozgoiti-Bilbo (30), Elorduy- Barrika (32), Ballesol-Bilbao (5), IFAS Elorrio (15), Albiz Santiago Llanos-Sestao (13), Miranda Fundazioa (1) eta Avellaneda-Sopuerta (1). Bizkaian hil diren lau egoiliar horiez gain, beste pertsona bat hil da, Nafarroan; 64 urte zituen. Larunbatean 828 pertsonak eman zuten positibo Euskal Herrian koronabirusa atzemateko PCR probetan. Aurreko egunetan milatik gora positibo izan ondoren, beherakada agerikoa da, baina ez da aintzat hartzekoa PCR proba gutxiago egin dituztelako. 9.056 proba egin ziren larunbatean, eta %9,14k eman dute positibo, ia hamarretik batek. Bizkaian 359 izan ziren positiboak herenegun, Gipuzkoan 182, Nafarroan 155 eta Araban 128. Larunbatean 32 pertsona ospitaleratu zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan koronabirusak jota. Hegoaldean 41 pertsona daude ZIUn. Positibo eman dutenean artean Mikel Oiarzabal Realeko jokalaria dago.
2020-8-31
https://www.berria.eus/albisteak/186216/menderaezin-segitzen-du-lyonek.htm
Kirola
Menderaezin segitzen du Lyonek
Frantziako taldeak zazpigarren aldiz irabazi du Txapeldunen Liga, Wolfsburg aise azpiratuta. Le Sommerrek, Kumagaik eta Bjorkek sartu dituzte frantziarren golak.
Menderaezin segitzen du Lyonek. Frantziako taldeak zazpigarren aldiz irabazi du Txapeldunen Liga, Wolfsburg aise azpiratuta. Le Sommerrek, Kumagaik eta Bjorkek sartu dituzte frantziarren golak.
Txapeldunen Ligako tituluak pilatzen segitzen du Lyonek. Frantziako taldeak ez du parekorik Europan. Anoetan jokatutako finalean 3-1 menderatu du Wolfsburg, eta zazpigarren aldiz lortu du Europako talderik onena izatea. Zazpi titulu horietatik bost, gainera, azken bost sasoietan lortu du. Izarrez beteta dago taldea, eta inoiz baino distira gehiago egiten du. Erraz, baina joko ikusgarririk egin gabe iritsi da finalera Lyon. Wolfsburg Lyoni itzal egiteko moduan izan zitekeela uste zen; izan ere, alemaniarrek ligarekin jarraitu zuten konfinamenduaren ostean. Frantzian, berriz, eten egin zen txapelketa. Gainera, aurrean jo handia du Wolfsburgek. 141 gol sartu ditu sasoi honetan jokatutako 33 partidetan. Baina ez da hala izan; Lyonek hasieratik hartu du jokoaren ekimena, eta bere zelaian sartu du Wolfsburg, baloia galtzean presio ona eginez. Dena den, txapeldunak geldikako jokaldien bidez sortu ditu lehen arrisku abaguneak. Renard erdiko atzelariaren indarra eta garaiera baliatu du horretarako. Baina asmatzea falta zitzaion, golak baitira futbolaren gatza eta piperra. Hori ikusta, Wolfsburg gora egiten hasi da. Orduan agertu da, haatik, Le Sommer, eta Lyonen lehen gola egin du. Arean egindako aurreneko errematea Abt atezainak geratu dio, baina, aldartzea jaso, eta aurrelariak sarera bidali du baloia. 25. minutua zen. Wolfsburg saiatu da egoera iraultzen, baina frantziarrek lehen zatia amaitzear zela eman dute bigarren kolpea. Partidako jokalaririk onena eta arrisku gehien sortzen ari zena zen Cascarino, eta hark egindako jokaldi on bat aprobetxatu du Kumagaik. Area ertzetik erremate gogor bat egin du, frantziarren abantaila areagotuz (43. min.). Finala ondo bideratua zuen Lyonek, eta urrats bat atzera egin du. Baloia Wolfsburgi eman dio, eta alemaniarrak neurketan sartu dira, gol bat eginez. Lyonek defentsan egindako akats apurrenetako batean izan da. Rolfok erdiraketa on bat egin du, eta Bouhaddik ez du baloia aldentzen asmatu. Pajorri iritsi zaio, eta hark emandako pasea ondo baliatu du Poppek, area txikian gola egiteko (48. min.). Itxaropena piztu da orduan alemaniarrentzat, ordu erdi baitzuten aurretik neurketa berdintzeko. Izan dute aukeraren bat horretarako; argiena, Wolterren erremate batean. Baina ez dute lortu; bai, ordea, Lyonek. Lehia amaitzeko bi minutu falta zirenean, Le Somerren jaurtiketa oinarekin desbideratu du Bojrkek, eta ezustean hartu du Abt.
2020-8-31
https://www.berria.eus/albisteak/186217/santurtziren-eta-hondarribiaren-arteko-lehia-puri-purian.htm
Kirola
Santurtziren eta Hondarribiaren arteko lehia, puri-purian
Zarautzek Eusko Label Ligako postuari eusteko estropada jokatu beharko du irailaren 19an eta 20an.
Santurtziren eta Hondarribiaren arteko lehia, puri-purian. Zarautzek Eusko Label Ligako postuari eusteko estropada jokatu beharko du irailaren 19an eta 20an.
Eusko Label Ligaren goiko sailkapenean estu ari dira lehiakideak; asteburua izan da norgehiagoka horren isla. Larunbatean Aresen (Galizia) Hondarribiak irabazi eta sailkapenaren buruan jarri bazen ere, atzo Santurtzi gailendu zen Boiron (Galizian), eta bizkaitarrak berriro jarri dira buru. Igandean Boiroko banderan ere emozioa pil-pilean izan zen. Santurtzi eta Zierbena batera iritsi ziren, eta azkenean epaileek helmugako argazkiaren beharra izan zuten lehenik nor ailegatu zen ikusteko. Hirugarren hondarribiarrak izan ziren, eta orain santurtziarrengandik bi puntura daude. Larunbatean bezala, Lekittarra ez zen lehiatu, zenbait arraunlarik positibo eman zutelako koronabirusaren proban. Bi jardunaldi geratzen dira Eusko Label Liga amaitzeko, baina eten bat egingo du hurrengo bi asteetan Kontxako Bandera jokatu dadin. Sailkapenaren beheko partean argitu dira kontuak. Kaiku jaitsi egingo da denboraldi honetan, eta Zarautzek postuari eusteko estropada jokatu beharko du irailaren 19an eta 20an Bermeon eta Portugaleten. Gipuzkoarrek estropada erabakigarria jokatu zuten atzo Aresekin, postuari eusteko lehian, baina Ares nagusitu zen lehen, txanda irabazita. Zarauztarrak hirugarren izan ziren, horien eta Ondarroaren atzetik. 1 SANTURTZI 154 2 HONDARRIBIA 152 3 ORIO 138 4 BERMEO URDAIBAI 137 5 ZIERBENA 135 6 DONOSTIARRA 131 7 CABO 95 8 LEKITTARRA 74 9 ONDARROA 71 10 ARES 65 11 ZARAUTZ 63 12 KAIKU 40
2020-8-31
https://www.berria.eus/albisteak/186218/eajren-aberri-batzarrak-eta-pseko-militanteek-gobernu-akordioa-berretsi-dute.htm
Politika
EAJren Aberri Batzarrak eta PSEko militanteek gobernu akordioa berretsi dute
Aberri Batzarrak aho batez onetsi du hitzarmena. PSE-EEko militanteen artean, atzo eta gaur botoa eman duten %93k babestu dute gobernu ituna. Elkarrekin Podemos abstenitu egingo da Urkulluren inbestiduran.
EAJren Aberri Batzarrak eta PSEko militanteek gobernu akordioa berretsi dute. Aberri Batzarrak aho batez onetsi du hitzarmena. PSE-EEko militanteen artean, atzo eta gaur botoa eman duten %93k babestu dute gobernu ituna. Elkarrekin Podemos abstenitu egingo da Urkulluren inbestiduran.
EAJk eta PSE-EEk joan den ostegunean lortu zuten datorren legealdirako Jaurlaritzaren programari buruzko aurreakordio bat, eta adostasun hori alderdi bakoitzeko organoek berretsi dute gaur. Batetik, jeltzaleek Aberri Batzarra bildu dute gaur. Alderdiaren zuzendaritzak ostegunean eman zion oniritzia testuari, baina Aberri Batzarra da gisa horretako akordioei behin betiko onespena ematen dien barne organoa. 19:00etan hasi dute bilkura, eta aho batez berretsi dute koalizio gobernua eratzeko akordioa. Bestetik, militanteen artean galdeketa egin dute sozialistek. 2.992 boto zenbatu dituzte, erregistratutako militanteen %58,49. Horien artean, %93,15ek babestu dute gobernu akordioa; %5,65ek bozkatu dute kontra, eta %1,2k eman dute boto zuria. Atzo botoa telematikoki emateko aukera eman zuten, eta gaur ere izan dute horretarako abagunea, telematikoki nahiz aurrez aurre. Idoia Mendia idazkari nagusia bera goizean joan da botoa ematera, eta, bertan, esan du goiz dela esateko berak lehendakariorde kargua beteko duen: «Orain militantziak botoa emateko unea da, iritzia eman dezan EAJrekin lortu dugun akordioaz, eta, ondoren, EAJrekin eta lehendakariarekin lan egingo dugu gobernuaren egituraz, lortutako akordioari erantzun diezaion». Bi alderdiek akordioari oniritzia eman diotenez gero, espero da Mendiak eta Andoni Ortuzar EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak bihar izenpetzea ituna. Hori horrela, gobernuaren osaketaren berri izatea faltako da. Bi alderdiek argitaratutako ohar bateratuaren arabera, akordioaren ardatz nagusiak dira «ekonomia eta enpleguaren sorrera suspertzea, zerbitzu publikoen eta gizarte publikoen defentsan oinarrituta eta autogobernu zabalagoa eta hobea lortzea xede». Zehazki, hiru baldintza eta lau ardatz adostu dituzte gobernuaren jardunerako; aurrenekoei dagokienez, baldintzen artean jaso dute herritarren osasuna bermatzea eta «ekonomia eta enplegua suspertzea, pandemiaren aurreko mailak berreskuratzeko, baina erronka eta behar berrietara egokituta». Horrez gain, nahi dute «inor ere atzean ez uztea gizarte kohesionatu batean herrialdeko inbertsiorik onenentzat jotzen diren parametroetako bakar batean ere». Gobernu akordioaren arabera, Iñigo Urkullu buru izango duen gobernuak 41 boto izango ditu Eusko Legebiltzarrean, eta bermatuta izango du gehiengo absolutua, desadostasunik ezean. Jaurlaritzako lehendakariaren inbestidura saioa ostegunean egingo dute, eta EAJk joan den ostiralean erregistratu zuen Urkulluren hautagaitza. EH Bilduk ere Maddalen Iriarteren hautagaitza aurkeztu du saio horretarako. Elkarrekin Podemosek, abstentzioa Hain justu, gobernu akordio horri buruz mintzatu da Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkidea: esan du orain arte argitaratutakoa «nahi orokorrak, borondate onak eta helburu txalogarriak» jasotzen dituen bost orrialdeko dokumentu bat dela, baina hori ez dela gobernu akordio bat. Radio Euskadin elkarrizketatu dute Gorrotxategi, eta berretsi du ez duela Iriarteren hautagaitza babestuko osteguneko bozketan, ez duelako lortuko behar adina babes Jaurlaritzako lehendakari izateko: «Gure helburua zen ezkerreko gobernu bat ahalbidetzea. Aurkeztuko diren proiektuek ez diotenez gure eskakizun horri erantzungo, gure botoa abstentzioa izango da».
2020-8-31
https://www.berria.eus/albisteak/186219/suziriak-kartzeletan-presoekiko-elkartasunez.htm
Politika
Suziriak kartzeletan, presoekiko elkartasunez
Larunbat gauean su artifizialak bota zituzten euskal presoak dauden espetxe guztien aurrean, haiei elkartasuna adierazteko.
Suziriak kartzeletan, presoekiko elkartasunez. Larunbat gauean su artifizialak bota zituzten euskal presoak dauden espetxe guztien aurrean, haiei elkartasuna adierazteko.
Larunbatean, 23:00etan, «elkartasun suziriak» jaurti zituzten euskal presoak dauden presondegi guztien aurrean, modu sinkronizatuan; Euskal Herrikoetan, Frantziako Estatukoetan nahiz Espainiako Estatukoetan. Ekintzaile talde batek bota ditu su artifizialak, eta, ohar batean nabarmendu dutenez, guztiei elkartasuna helarazteko 58.694 kilometro egin zituzten, «senide eta lagunek asteburuero egin beharreko berberak». Izan ere, salatu dute «salbuespen politikek eta sakabanaketak presoen eskubideak urratzen» dituztela, eta COVID19-aren «aitzakiapean» hartutako neurriek presoen bizi baldintzak «are gehiago gogortu» dituztela. Ekintzaileetariko baten hitzetan: «Euskal preso politikoekiko elkartasunak ez du inoiz etenik izan eta ez du izango. Gure herrikideei elkartasuna eta maitasuna eraman nahi izan dizkiegu, Euskal Herrian eta aske nahi ditugulako».
2020-8-31
https://www.berria.eus/albisteak/186220/murgiltze-eredua-defenditu-dute-parisen.htm
Gizartea
Murgiltze eredua defenditu dute Parisen
Ipar Euskal Herriko hainbat hautetsik bilkura egin dute Frantziako hezkuntza ministerioarekin, Hiriburuko Baste Quieta eskolako murgiltze ereduaren esperimentazioaren ukapena salatzeko.
Murgiltze eredua defenditu dute Parisen. Ipar Euskal Herriko hainbat hautetsik bilkura egin dute Frantziako hezkuntza ministerioarekin, Hiriburuko Baste Quieta eskolako murgiltze ereduaren esperimentazioaren ukapena salatzeko.
Alain Iriart Hiriburuko (Lapurdi) auzapeza, Vincent Bru Pirinio Atlantikoetako departamenduko diputatua, Max Brisson eta Frederique Espagnac senatariak goizean bildu dira biltzekoak Frantziako hezkuntza ministroaren ordezkari batekin, Parisen. Hiriburuko Baste Quieta eskola publikoan euskara hutsezko esperimentazio proiektu bat abiatzea ukatu zuen Parisek, derrigorrezko irakaskuntza frantsesez egin behar dela argudiatuta. Hala, Ipar Euskal Herriko hautetsiek euskarazko irakaskuntza defenditzeko bilkura egin dute. «Haiek ezarritako legeen arabera osatu dugu dosierra, baina ukatu digute hala ere. Partidaren legeak ez dira joko denboran aldatzen», salatu du Alain Iriart Hiriburuko auzapezak. Hezkuntza ministroaren ordezkariak «entzun» dituela erran du Iriartek, baina ez dute ezer «trenkatu» bilkuran zehar. «Dosierra ez da honetan bukatzen; negoziaketekin segitu beharko dugu, eta mobilizatzen segituko beharko dugu», gehitu du. Bihar eskola sartzea izanen dute Ipar Euskal Herriko ikasleek, eta 10:00etan elkarretaratze bat eginen dute Baste Quieta eskolaren atarian, murgiltze ereduaren kontrako erabakia salatzeko eta euskarazko irakaskuntza aldarrikatzeko. Iriartek ez du argi Hiriburuko eskolaren kasuan «erabakia aldatuko duten ala ez», baina negoziaketekin segitzeko asmoa erakutsi du. Bestalde, hezkuntza ministerioko ordezkariak segurtatu zien gaur arte irekitako murgiltze ereduen 38 esperimentazioak –eskola pribatu katoliko zein publikoetan– ez direla arriskuan. Hala ere, «erne egon» behar dutela azpimarratu du Iriartek. Izan ere, errektoretzak Alain Iriart Hiriburuko auzapezari gutun bidez eman zion debekuaren berri, iragan uztailean. Azaldu zion 2019ko uztailaren 26ko Hezkuntza Legearekin irakaskuntza derrigorrezkoa dela 3 urtetik aitzina, eta Frantziako 1958ko Konstituzioaren arabera derrigorrezko irakaskuntza, frantsesez, «Errepublikako hizkuntzan» egin behar dela. Ondorioz, ez duela gehiago onartuko «murgiltze ereduaren» esperimentaziorik. EEPko ordezkariek berehala eskatu zuten bilkura Jean Michel Blanquer Frantziako hezkuntza ministroarekin, erabakia salatzeko. .
2020-8-31
https://www.berria.eus/albisteak/186221/hezkuntzako-langileei-pcr-probak-egiteko-asmoa-du-nafarroako-gobernuak.htm
Gizartea
Hezkuntzako langileei PCR probak egiteko asmoa du Nafarroako Gobernuak
Irakasleei eta administrazioko eta zerbitzuetako langileei egingo dizkiete probak.
Hezkuntzako langileei PCR probak egiteko asmoa du Nafarroako Gobernuak. Irakasleei eta administrazioko eta zerbitzuetako langileei egingo dizkiete probak.
Ostiralean hasiko da ikasturte berria Nafarroan, eta, harturiko neurrien artean, Gobernuak PCR probak egiteko plan bat adostu du. Irizpideak erabat zehaztu gabe daude, baina, zertzelada batzuk aurreratu ditu Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak: irakasleei zein administrazioko eta zerbitzuetako langileei egingo dizkiete testak, eta «osasun egoera zaurgarriena» duten irakasleek izango dute lehentasuna Gainera, proba kopurua handiagoa izango da egoera epidemiologikoa «larriagoa» den eremuetan, kontseilariaren esanetan. Eremu horietan, ikasleei ere testak egitea aztertzen ari da Gobernua. Planaren xehetasunak "datozen orduetan" zehaztuko dituzte. Kontzentratzeko deia, asteazkenean Nafarroako hezkuntza komunitateak salatu du «ezjakintasun» eta «informazio falta» nagusi direla ikasturte berriaren atarian. Besteak beste, gaitzetsi dute gobernuak hasiera batean iragarritako 666 irakasleren kontratazioak 173ra jaitsi direla, eta kontingentzia planak nolakoak izango diren oraindik argi ez dagoela. Hori dela eta, hezkuntza komunitatearekin biltzeko dei egin diote Hezkuntza Sailari, «alderdi pedagogikoak, funtzionalak eta psikologikoak» kontuan izango dituen plan bat diseinatzeko. Era berean, kontratazioen eta kontingentzia planen inguruko informazioa argitzeko galdegin diote Gobernuari. Plan horien barnean, unibertsitateko ikasketak ere kontuan har ditzaten nahi du komunitateak. Egoera salatu eta aldarriak ikusarazteko, hainbat egitasmo egingo dituzte. Sinadura bilketa bat jarriko dute abian, eta sare sozialetan informazio kanpainari ekingo diote. Bestalde, asteazkenean, kontzentrazio baterako deia egin dute, Nafarroako Jauregiaren aurrean. Deialdiarekin bat egin dute Hezkuntza arloko sindikatuek eta hainbat ikasle mugimendu eta guraso elkartek.
2020-8-31
https://www.berria.eus/albisteak/186222/behobia-donostia-bertan-behera-geratu-da.htm
Kirola
Behobia-Donostia bertan behera geratu da
Jada izena emana zutenei hiru aukera eskainiko dizkie Fortuna Kirol Elkarteak.
Behobia-Donostia bertan behera geratu da. Jada izena emana zutenei hiru aukera eskainiko dizkie Fortuna Kirol Elkarteak.
Fortuna Kirol Elkarteak, Behobia-Donostia lasterketaren antolatzaileak, jakinarazi du bertan behera utzi duela aurtengo lasterketa, «dagokien erakundeei» galdetu ondoren: «Hilabete zailak izan dira, baina baita ahalegin, irudimen, analisi, azterketa eta ilusio handikoak ere, zeinetan lasterketa garaiko egoerara egokitzeko lasterketa plan bat landu dugun. Hala ere, pandemiaren egungo bilakaerak aurre egin beharreko aldagai gehiegi ditu». Elkarteak azaldu du haientzat funtsezkoa dela «Behobia osatzen duten pertsona guztien segurtasuna bermatzea: partaideak, boluntarioak, osasun langileak... baita festa bilakatzen duten ikusleena ere. Oraintxe bertan, pertsona horientzat guztientzat inguru erabat segurua bermatzea gure ahalmenetik kanpo dago». Izen-emateak zabalik zituen elkarteak, eta, beraz, jada izena emanda zutenei hiru aukera eskaini dizkie: izen ematea datorren urteko edo 2022ko ediziorako gordetzea, dirua itzultzea (kudeaketa gastuen 6 euro kenduta) edo izen ematearen prezio osoa edo zati bat dohaintzan ematea klubari. Datozen egunetan galdetegi bat bidaliko die jada izena emana zutenei, hiru aukeretako bat hautatu dezaten. Izen ematea ondorengo edizio baterako gordetzen dutenei hurrengo egunetan Behobia Birtualerako 10 euroko deskontua bidaliko diete e-postaz. Hiru aukeretako zeinen alde egiten den jakinarazteko epea irailaren 30an amaituko da. Erantzun ezean, izen ematea gordeko dute 2021eko lasterketarako. «Badakigu kirola egitea onuragarria dela; horregatik, berme guztiekin egiten jarraitzera animatzen zaituztegu, datorren urtean berriro goza dezagun gustuko dugun moduan», erantsi du elkarteak.
2020-8-31
https://www.berria.eus/albisteak/186223/garbine-aranbururen-ustez-bada-garaia-enpleguaren-inguruko-eztabaida-oso-bat-irekitzeko.htm
Ekonomia
Garbiñe Aranbururen ustez, «bada garaia enpleguaren inguruko eztabaida oso bat irekitzeko»
Enpresa handien politikei buruz mintzatu da Garbiñe Aranburu LAB sindikatuko idazkari nagusia. «Udazken beroa izango da; enpleguaren defentsan, mobilizaziora joko dugu».
Garbiñe Aranbururen ustez, «bada garaia enpleguaren inguruko eztabaida oso bat irekitzeko». Enpresa handien politikei buruz mintzatu da Garbiñe Aranburu LAB sindikatuko idazkari nagusia. «Udazken beroa izango da; enpleguaren defentsan, mobilizaziora joko dugu».
Garbiñe Aranburu LAB sindikatuko idazkari nagusia lan harreman «prekarioei» buruz aritu da Euskadi Irratian, gaur goizean. Adierazi du aeronautika sektoreak markatu duela enpresa handien jokabidea: «Beldurraren eta mehatxuaren bidea erabiltzen ari dira murrizketak onartu ditzagun, langileen borrokarako gaitasuna baldintzatzeko». Sindikatuko «lehentasunak» argi dituzte: enpleguaren defentsa eta sektore publikoa indartzeko aldarrikapenak. «Udazken beroa izango da; enpleguaren defentsan, mobilizaziora joko dugu». Aldi baterako erregulazio araudiak enpresa handiei «mesede» egiten diela esan du Aranburuk, eta diru publiko asko xahutu behar dela erregulazio haiek mantentzeko. «Langileei ere kostu bat dakarkie; aldiz, enpresei oso ondo ateratzen zaie». LABekoak azpimarratu du irailetik aurrera erregulazioekin jarraitu ala ez erabakitzea baino premiazkoagoa dela beste eztabaida batzuei heltzea: «Zerga politikari buruz ez da hitz egin nahi, sortu den aberastasuna nola banatu den eta etorkizunean ere nola banatuko dugun». Zergei buruz ez ezik, uste du «badela garaia» enpleguari buruzko eztabaida oso bat hasteko. «Enplegu plan integral bat aldarrikatzen dugu; lan merkatuaren egoeraz hitz egin nahi dugu. Ez gobernuak, ezta patronalak ere ez dute borondaterik eztabaida horretan sartzeko».
2020-8-31
https://www.berria.eus/albisteak/186224/milo-djukanovicek-irabazi-ditu-montenegroko-bozak-baina-beherakada-nabarmena-izan-du.htm
Mundua
Milo Djukanovicek irabazi ditu Montenegroko bozak, baina beherakada nabarmena izan du
Botoen %35,12 bildu ditu agintean den alderdiak, DPSk, baina boterea gal dezake. CeMi-ren arabera, oposizioko hiru alderdiak elkartuz gero parlamentuko 81 eserlekuetatik 41 lortu ditzakete.
Milo Djukanovicek irabazi ditu Montenegroko bozak, baina beherakada nabarmena izan du. Botoen %35,12 bildu ditu agintean den alderdiak, DPSk, baina boterea gal dezake. CeMi-ren arabera, oposizioko hiru alderdiak elkartuz gero parlamentuko 81 eserlekuetatik 41 lortu ditzakete.
Milo Djukanovic Montenegroko presidentearen DPS Alderdi Demokratiko Sozialistak irabazi ditu Montenegroko Parlamenturako hauteskundeak, baina ez du berretsi azken urteetako nagusitasuna, eta nabarmen boto gutxiago lortu ditu agintean den alderdiak. Botoen %98,55 zenbatuta, DPSk horien %35,12 lortu ditu, 2016ko hauteskundeetan bildutako babesa baino sei puntu gutxiago, Montenegroko Hauteskunde Batzordeak gaur jakinarazi duenez. Gertutik jarraitzen dio, botoen %34,2 eskuratuta, Montenegroren Etorkizunaren Alde oposizioko koalizioak. Hirugarren eta laugarren postuan, berriz, Bakea da Gure Nazioa eta Beltza Zuriaren gainean geratu dira, botoen %12,55 eta %5,57 bilduta, hurrenez hurren; oposizioko alderdiak dira horiek ere. Montenegroko Hauteskunde Batzordeak ez du jakinarazi zenbat eserleku emango dizkieten alderdiei, baina, CeMi gobernuz kanpoko erakundearen aurreikuspenen arabera —bozak gainbegiratu zituen—, oposizioko hiru alderdien aliantza batekin parlamentuko 81 eserlekuetatik 41 batu ditzakete, eta, horrela, egungo gobernua boteretik kendu; horien arteko negoziazioak, halere, konplexuak izan daitezke. DPSrentzat kolpe latza litzateke boterea galtzea, azken 30 urteetan agintean egon baita. Balkanetako herrialde horretan azken hamarkadetan izandako hauteskunderik lehiatuenak izan dira. Lehen emaitzak jakin ostean, garaipena aldarrikatu zuen Montenegroren Etorkizunaren Alde oposizioko buru Zdravko Krivokapicek, eta adierazi “askatasuna” iritsi dela herrialdera. Oposizioko beste bi koalizioek ere "historikotzat" jo zituzten hauteskundeetan lortutako emaitzak. Bozak koronabirusaren pandemiaren erdian egin baziren ere, parte hartzea ia %76 izan zen, aurreko hauteskundeetan baino handiagoa.
2020-8-31
https://www.berria.eus/albisteak/186225/euskaltegietako-metodologia-egokituta-helduak-euskara-ikastera-deitu-dituzte-nafarroan.htm
Gizartea
Euskaltegietako metodologia egokituta, helduak euskara ikastera deitu dituzte Nafarroan
Euskaltegien aurtengo kanpaina aurkeztu dute gaur: 16 urtetik gorakoek eman dezakete izena, eta «arriskurik gabe» ikasi ahal izateko neurriak bermatuko dituzte.
Euskaltegietako metodologia egokituta, helduak euskara ikastera deitu dituzte Nafarroan. Euskaltegien aurtengo kanpaina aurkeztu dute gaur: 16 urtetik gorakoek eman dezakete izena, eta «arriskurik gabe» ikasi ahal izateko neurriak bermatuko dituzte.
Nafarroan gaur goizean jarri dute martxan euskaltegietako 2020-2021 ikasturteko matrikulazio kanpaina. Mikel Arregi Euskarabideko zuzendariak, Raul Maiza Berriozarko alkateak eta Aitziber Garralda AEKren eta IKAren ordezkariak egin dute prentsaurrekoa. Helburu nagusia helduek euskara ikastea da; aurtengo leloa Hurrengoa euskaraz da, eta Nafarroako 30 euskaltegitan dago izena emateko aukera. Arregik nabarmendu du euskaltegiek «lanean jarraitu” dutela, «egoera berezia» bada ere. Irakaskuntza metodologia egungo egoerara «moldatu» dute. Martxoan euskaltegien funtzionamendua egokitu behar izan zuten, eta hala jarraituko dute datozen hilabeteetan: «Ikasketa prozesuak bermatuko dituzte». Garraldak ere egin dio erreferentzia pandemiak sortutako egoerari: «Herritar guztiei garbi utzi nahi diegu koronabirusaren aurrean gure esku dauden neurri guztiak hartuko ditugula». Gehitu du herritar guztiek edukiko dutela «inolako arriskurik gabe» ikasteko aukera. Maiza herritarrei mintzatu zaie, eta euskara ikastera animatzera deitu ditu: «Euskararen komunitatea dinamikoa eta hurbila da, eta ikasten duen pertsona babesten du beti». Nabarmendu du helduek euskara ikastea «oso garrantzitsua» dela hizkuntzaren «transmisioa» bermatu ahal izateko. Bestalde, Garraldak Nafarroako Gobernuari eskatu dio euskara ikasteko aukera debalde izatea ahalbidetzeko: «Negargarria da euskara ikasi nahi duten herritar gehienek ordaindu egin behar izatea». Ikasleen bidea «erraztu» egin behar dela erantsi du Garraldak. Maiza ere mintzatu da prezioen inguruan, eta «diru laguntza handiagoa» eskatu dio gobernuari, matrikula merkeagoa izateko. Arregik adierazi du gobernuak bekak eskainiko dituela, eta laster jarriko dela martxan horiek eskatzeko epea.
2020-8-31
https://www.berria.eus/albisteak/186226/536-kasu-atzeman-dituzte-hego-euskal-herrian.htm
Gizartea
536 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian
Larunbateko datuen aldean, ia erdira jaitsi dira kutsatzeak; egin diren PCR proba kopurua urritu da: 5.108 gutxiago.
536 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian. Larunbateko datuen aldean, ia erdira jaitsi dira kutsatzeak; egin diren PCR proba kopurua urritu da: 5.108 gutxiago.
Igandeetan PCR proba gutxiago egin ohi dira, besteak beste, lehen arretako zerbitzuak itxita daudelako, eta halaxe izan da azken orduetan ere: 5.920 test egin dituzte, bezperan baino 1.726 gutxiago, eta larunbatean baino 5.108 gutxiago. Testak apaltzeak, eragina izan du atzeman diren positiboetan: 536 kasu izan dira azken orduetan. Aurreko eguneko zifrekin alderatuta, jaitsiera nabarmena da: bezperan baino 292 gutxiago, eta larunbatean izandako kasuen ia erdiak; 1.027 izan ziren orduan. Beherakadarik esanguratsuena, baina, ospitaleratze berrien kasuan izan da. Azken orduetan, 30 gaixo berri sartu dira erietxeetara; azken egunetan 40 eta 50en langa gainditu da. Halaber, ia 300 pertsona (295) daude Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ospitaleetan gaitzaren eraginez; horietatik 35 ZIU zainketa intentsiboetarako unitateetan. Nekane Murga Jaurlaritzako Osasun Sailburuak adierazi du positiboek beherakada «apala» izan dutela, baina oraindik ez dela joeran aldaketarik igartzen. Horretarako, kasuak jaitsi beharko lirateke hainbat egunez jarraian. Herrialdeka, Bizkaian izan dira kasu gehien beste behin: 225 positiboren berri eman dute. Gipuzkoan, 132 kasu izan dira, Nafarroan, 127 eta Araban azken egunetako zifrarik apalena izan da: 42 kasu. Bestalde, erkidegotik kanpo hamaika kasu detektatu ditu Jaurlaritzak.
2020-9-1
https://www.berria.eus/albisteak/186227/iritzi-berrituak-irailetik-aurrera.htm
Gizartea
Iritzi berrituak irailetik aurrera
Besteak beste, Pauline Guelle, Ana Malagon eta Iraitz Agirre batuko dira BERRIAren iritzi zutabeetara.
Iritzi berrituak irailetik aurrera. Besteak beste, Pauline Guelle, Ana Malagon eta Iraitz Agirre batuko dira BERRIAren iritzi zutabeetara.
Irailarekin batera itzuliko da BERRIAra ohiko Iritzia saila, baina berritua. Jira eta Bira, Hitz-etzanak, Larrepetit eta Zaldieroa berriz hasiko dira bihartik, eta, ohi bezala, Angel Erro eta Onintza Enbeita ariko dira jira-biran. Horiez gain, Larrepetit atalean, Goizalde Landabasok, Blanca Urgellek, Jaume Gelabertek, Nora Arbelbidek, Hedoi Etxartek eta Iñigo Aranbarrik idatziko dute; Samara Velteren lekua beteko du Arbelbidek urte amaierara arte. Irailaren 15etik aurrera, berriz, Arkupean atala itzuliko da BERRIAko Iritzia saileko orrietara. Pauline Guelle, Ana Malagon eta Iraitz Agirre hasiko dira, eta orain arteko zutabegileei batuko zaizkie; Iñaki Galdosi eta Xabi Payari, Mikel Elorzari, Pilar Kaltzadari eta Elixabete Garmendiari, eta Jone Uriari. Berritasunak izango dira Enbaxada bila atalean ere; Maria Obelleiro Nós Diario-ko zuzendariaren zutabea gehituko zaie Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariari eta Vicent Partal Vilaweb.cat atarikoari. Era berean, hilean behin argitaratuko da Anjel Lertxundiren ohiko narrazioa eta Eider Eibar eta Maite Mutuberriaren ilustrazioa. Azkenik, komunikazioari buruzko zutabegintzan ere badira aldaketak. Miren Maniasen eta Mikel Alvarezen lekua beteko dute Juan Luis Zabalak telebista kritiketan eta Uxue Razkinek irratiari eta podcastei buruzkoetan.
2020-8-31
https://www.berria.eus/albisteak/186229/haurren-eta-nerabeen-osasun-integrala-gogoan-hartzeko-eskatu-dute.htm
Gizartea
Haurren eta nerabeen osasun integrala gogoan hartzeko eskatu dute
Haurrak Ere Bai plataformaren arabera, hezkuntza protokoloak «aldakorrak» dira, eta haurren eta nerabeen ongizate fisikoa, mentala eta soziala izan behar dituzte oinarri. Neurri proposamenak egin dituzte.
Haurren eta nerabeen osasun integrala gogoan hartzeko eskatu dute. Haurrak Ere Bai plataformaren arabera, hezkuntza protokoloak «aldakorrak» dira, eta haurren eta nerabeen ongizate fisikoa, mentala eta soziala izan behar dituzte oinarri. Neurri proposamenak egin dituzte.
Martxoaz geroztik etxean egon ostean, astebete barru Hego Euskal Herriko haurrak eta nerabeak eskolara itzuliko dira. Hain zuzen, izurriteak eragin duen egoeraren ondorioz, hainbatek izan dituzte beste gazte batzuekin erlazionatzeko zailtasunak. Ondorioz, Haurrak Ere Bai plataformak eskatu du eskolarako itzuleran haurren eta nerabeen osasun integrala gogoan hartzeko: «Ezinbesteko sentitzen dugu ikastetxe barruan zaintza eta babesa kalitatezkoa eta gertukoa izatea, ikasleriari gertutasunez laguntzea». Plataforma osatzen duten familia umedunen arabera, aurkeztu dituzten hezkuntza protokoloak «aldakorrak» dira, eta beharrezkoa da «ongizate fisikoaren, mentalaren eta sozialaren kontzeptua» ulertzea. Plataformak haurren kutsatze maila ere gogoan izan du: «Kutsatze mailari dagokionez, haurrek pertsona helduok baino kutsakortasun maila baxuagoa dutela ikusi da hainbat ikerketetan». Haien ustez, adingabeak ez dira izan izurritearen garapenaren arrazoi, eta ondorioz, «onartezina» iruditzen zaie ikastetxetan maskarak nahitaez erabili behar izatea, metro eta erdiko segurtasun distantzia mantentzea eta «familiak eskoletako bizitzatik kanporatzea». Eskolaren eta gizartearen arteko elkarlana aldarrikatu dute, elkar zaintza oinarri izanda. Neurrien aurrean, proposamenak Haurrak Ere Bai plataformak proposamen batzuk egin ditu. Batetik, umeen ratioa erdira murriztea lehentasun gisa ezartzen dute, eta horretarako irakasle taldeak handitzea edo familien babesa eta laguntza onartzea. Irakasleen formakuntza bermatzeko beharrezkoak diren baliabide materialak eta gizatiarrak eskaintzeko eskaria ere egin dute, ikasleei ahalik eta «harrerarik emozionalena» egiteko helburuarekin. Kontziliazioari dagokionez ere neurriak eskatu dituzte, «lana eta bizitza bateragarriak» izateko. Plataformak uste du beldurra ezin daitekeela heziketaren oinarria izan, eta, beraz, haurtzaroa errespetatzeko deia egin du: «Saiatu gaitezen haurtzaroaren ondoan egoteko modua aurkitzen, tratu onetik, errespetutik eta bizitzarako beharrizanetatik abiatuta, benetako etorkizuneko gizarte errespetutsurako eta osasuntsurako bidea hasteko».
2020-8-31
https://www.berria.eus/albisteak/186230/osakidetzako-iruzurraren-auzian-lekukoak-hasiko-dira-deklaratzen.htm
Gizartea
Osakidetzako iruzurraren auzian lekukoak hasiko dira deklaratzen
24 lekuko daude deituta Gasteizko 2. Instrukzio Epaitegira
Osakidetzako iruzurraren auzian lekukoak hasiko dira deklaratzen. 24 lekuko daude deituta Gasteizko 2. Instrukzio Epaitegira
Aurrera jarraitzen du Osakidetzak 2016-2017an egindako LEP lan eskaintza publikoaren iruzurraren auziak. Bihartik aurrera, lekukoak hasiko dira deklaratzen, Gasteizko 2. Instrukzio Epaitegian. LAB sindikatuak —herri akusazioa da auzian— joan den ekainean eskatu zuen pertsona horiek epailearen aurrean deklaratu zezatela, eta, sindikatuak helarazitako oharraren arabera, Ana Jesus Zulueta instrukzioko epaileak ontzat jo zuen eskaera. 24 lekuko daude deklaratzera deituta. LABek nabarmendu du «pozik» daudela auzi judiziala «aurrera» egiten ari delako. Joan den ekainean iruzurraren auzian inputatuetako bik deklaratu zuten: Bilboko Basurtuko ospitaleko neurokirurgia zerbitzuko buruak eta Arabako osasun sistema publikoko neurofisiologiako buruak —beste hiru inputatuek iazko maiatzean deklaratu zuten—. Haien deklarazioak entzun ondoren, Osakidetzako zuzendaritza ohia auzipetzeko eskatu zuen LABek, iruditzen baitzaio lan eskaintza publikoko probetan «asmo bidegabeetarako elkartzearen» delitua egin zuela.
2020-8-31
https://www.berria.eus/albisteak/186231/errumaniako-gobernuaren-aurkako-zentsura-mozioak-ez-du-aurrera-egin.htm
Mundua
Errumaniako Gobernuaren aurkako zentsura mozioak ez du aurrera egin
Errumaniako Alderdi Sozialdemokratak Ludovic Orban lehen ministroaren gobernuaren aurka aurkeztutako zentsura mozioa ez da onartu, oposizioko alderdiak gehiengo osorako zazpi botoren faltan geratu ostean.
Errumaniako Gobernuaren aurkako zentsura mozioak ez du aurrera egin. Errumaniako Alderdi Sozialdemokratak Ludovic Orban lehen ministroaren gobernuaren aurka aurkeztutako zentsura mozioa ez da onartu, oposizioko alderdiak gehiengo osorako zazpi botoren faltan geratu ostean.
Errumaniako Alderdi Nazionalista Liberalak gidatutako gobernuak zentsura mozio bati aurre egin behar izan dio gaur, koronabirusak eragindako osasun krisiaren kudeaketa «desegokia» dela eta. Bada, Errumaniako Alderdi Sozialdemokratak gobernuaren aurka aurkeztutako zentsura mozioak ez du aurrera egin. Izan ere, gehiengo osora iristeko, gutxienez 233 ordezkarik alde bozkatu behar zuten, baina, pandemiaren eraginez, parlamentuan ez dira oposizioko alderdietako ordezkari guztiak egon, 226 baizik. Beraz, Ludovic Orbanek Errumaniako lehen ministro izaten jarraituko du. Errumania bete-betean pairatzen ari da pandemiaren bigarren olatua. Dagoeneko, 87.000 positibo atzeman dituzte herrialde horretan, eta, gaitzaren eraginez, 3.500 herritar inguru hil dira. Egoera horretan, Alderdi Sozialdemokratak zentsura mozio bat aurkeztu zuen Orban lehen ministroa buru duen gobernuaren aurka, eta gaur bertan egitekoa zen bozketa. Sozialdemokratak kritiko azaldu dira gobernuarekin, batetik, osasun krisian «behar bezalako» neurririk ez dutelako hartu, eta, bestetik, herritarren askatasuna «mugatu» dutelako, pandemia aitzakiatzat hartuta. Gutxiengoan agintzen duen egungo gobernuaren ahultasuna agerian dagoela-eta, Marcel Ciolacu alderdiburuak ziurtatu zuen oposizioko alderdi minoritario batzuen babesa zuela zentsura mozioa onartzeko. Alabaina, zazpi botoren faltan ez dira gehiengora iritsi. Iazko azaroan, aldiz, justu aurkakoa jazo zen; Kontserbadoreek Viorica Dancila buru zuen gobernu sozialdemokrataren aurkako zentsura mozioa aurkeztu zuten, eta, ordutik, Orban da Errumaniako lehen ministro. Irailaren 27an, udal hauteskundeak egingo dituzte Errumanian; abenduan, berriz, parlamentarioak, eta, ziurrenik, Orbanen Alderdi Nazionalista Liberalak irabaziko ditu, azken egunotan oposizioan mugimenduak egon diren arren.
2020-8-31
https://www.berria.eus/albisteak/186232/puigdemontek-pdecat-utzi-du.htm
Mundua
Puigdemontek PDeCAT utzi du
Kataluniako Generalitateko presidente ohiak adierazi du Junts Per Catalunyako presidente gisa lan egingo duela bi indarren arteko harremana «adeitsua» izateko.
Puigdemontek PDeCAT utzi du. Kataluniako Generalitateko presidente ohiak adierazi du Junts Per Catalunyako presidente gisa lan egingo duela bi indarren arteko harremana «adeitsua» izateko.
Alderdi Demokrata Europar Katalaneko (PDeCAT) kide izateari utzi dio Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidente ohiak. Erabakia gaur egin du publiko, sare sozialetan: «David Bonvehi PDeCATeko presidenteari jakinarazi berri diot zuzentzen duen alderdia uzteko erabakia hartu dudala. Lan egiten jarraituko dut, Junts per Catalunyako presidente gisa, bi alderdien arteko harreman adeitsua mantentzeko». Convergencia i Unio zenaren espazioak bere lekuaren bila jarraitzen du Kataluniako jokaleku politikoan, prozesu subiranistaren egungo fasean zer ildori jarraitu eztabaidatuz. JxC hauteskunde hautagaitza gisa sortu zuten 2017ko azaroan, eta azken bozetan PDeCATen, Crida Nacionalen, Accio per la Republicaren eta hainbat independenteren arteko koalizioaren aterpe izan da. Puigdemontek eta haren gertukoek ezinbestekotzat jo dute independentismoaren elkargune izango den «zeharkako» alderdi bat sortzea, espektro ideologiko «zabala» hartuko duena. Helburu horrekin sortu zuen presidente ohiak Crida Nacional, 2018an, eta helburu berarekin bihurtu zuen JxC alderdi politiko joan den uztailean. PDeCATen eta JxCren bat egiteak zer formulari jarraitu behar dion, horixe da bi indarren arteko akordiorako oztopo nagusia. Puigdemontek eta haren gertukoek koalizioaren moldea gainditu nahi dute, alderdien arteko kuota sistema alboratu eta alderdi berriaren egiturak hartzea JxCren gaineko erabakiak. PDeCATek Kontseilu Nazionala egin zuen uztail amaieran, eta Bonvehik argi utzi zuen alderdiak Kataluniako Parlamenturako bozetan egon behar dutela, «formula edozein dela ere». Hauteskundeek ez dute data zehatzik oraindik, baina udazkenerako espero dira. Puigdemontek alderdi berriarekin bat egitera deitu zituen PDeCATeko kideak —2.800 baino gehiago ditu —, baina alderdi horretako zuzendaritzak bere militanteei ohartarazi die militantzia bikoitza debekatua dutela. Hortaz, «zintzo» jokatzeko eskatu die Puigdemonten proiektu berriarekin bat egin nahi dutenei, eta alderdia uzteko esan die.
2020-8-31
https://www.berria.eus/albisteak/186233/beethovenen-hamabi-sonata-eta-harietarako-hainbat-lan-interpretatuko-dituzte-donostian-igandera-bitartean.htm
Kultura
Beethovenen hamabi sonata eta harietarako hainbat lan interpretatuko dituzte Donostian igandera bitartean
Konpositorearen hamabi sonata eta harientzako hainbat lan interpretatuko dituzte igandera bitartean.
Beethovenen hamabi sonata eta harietarako hainbat lan interpretatuko dituzte Donostian igandera bitartean. Konpositorearen hamabi sonata eta harientzako hainbat lan interpretatuko dituzte igandera bitartean.
Abenduaren 16an, 250 urte beteko dira Ludwig Van Beethoven konpositorea jaio zela, eta, urteurrena baliatuta, Donostia Musikak hari eskainitako ziklo luze bat abiatu zuen urte hasieran. COVID-19aren pandemiak, ordea, eten egin zuen programazioa martxoan, eta ordutik ekainera bitarte aurreikusitako kontzertuak aste honetan emango ditu. Ensemble Siciliano taldeak abiatuko du gaur zikloa, Beethovenek idatzitako biolin eta pianorako bi duorekin, eta Julia Siciliano pianista estatubatuarrak gidatzen duen boskoteari egokituko zaio aste honetako eskaintzari amaiera ematea igandean. Kontzertu guztiak Viktoria Eugenian izango dira, 20:00etan —salbu eta igandekoa, 19:00etan hasiko baita—. Bihartik larunbatera bitartean, berriz, lau pianistari egokituko zaie Beethovenen lana gogora ekartzea. Bihar Juan Carlos Fernandez-Nieto ariko da antzokiko oholtzan, etzi Nikos Stavlas, ostiralean Judith Jauregi eta larunbatean, azkenik, Josu Okiñena. Haietako bakoitzak konpositorearen hiruna sonata interpretatuko ditu. Hasiera batean, aurreikusitako programazioari helduko dio zikloak urrian.
2020-8-31
https://www.berria.eus/albisteak/186234/ratioak-jaistea-eta-irakasle-gehiago-kontratatzea-galdegin-dio-eh-bilduk-jaurlaritzari.htm
Gizartea
Ratioak jaistea eta irakasle gehiago kontratatzea galdegin dio EH Bilduk Jaurlaritzari
Legez besteko proposamen bat aurkeztu du Gasteizko legebiltzarrean. Indar subiranistak salatu du Iruñeko Udalak ez dituela hiriko eskola publikoak COVID-19aren egoerara egokitu.
Ratioak jaistea eta irakasle gehiago kontratatzea galdegin dio EH Bilduk Jaurlaritzari. Legez besteko proposamen bat aurkeztu du Gasteizko legebiltzarrean. Indar subiranistak salatu du Iruñeko Udalak ez dituela hiriko eskola publikoak COVID-19aren egoerara egokitu.
Ostiralean itzuliko dira haurrak eskolara Nafarroan, eta astelehenean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Itzulera bertantxe egon arren, hainbat zehaztasun airean daude oraindik, eta adostasun falta agerikoa da agintarien eta hezkuntza komunitatearen artean. Baita oposizioko kideen artean ere. EH Bilduk gaur bertan aurkeztu du legez besteko proposamen bat Gasteizko legebiltzarrean, hezkuntzarako hainbat proposamenekin. Ikotiz Arrese parlamentariak adierazi du Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak iragan ostiralean aurkezturiko protokoloa «hutsala, lausoa eta inprobisatua» dela. Cristina Uriarte sailburuak iragarri zuen mila irakasle kontratatzeko asmoa dutela ikasturte honetan lantaldeak indartzeko neurri gisa, baina, indar subiranistarentzat, kopuru horrek «ez du ezer konpontzen». EH Bilduk 10.000 irakasle kontratatzeko proposamena egin du, Arreseren esanetan, hori baita proportzio egokia. Halaber, nabarmendu du prest daudela hezkuntza komunitatearekin ados jartzeko eta beste kopuru bat ezartzeko. Irakasleen kontratazioak ez ditu aurkezturiko proposamenean txertatu indar subiranistak; bai, ordea, ratioak murrizteko eskaria. EH Bilduren ustetan, irakasle bakoitzeko hamabost haurrekoak izan beharko lukete ratioek. Iruñeko eskola publikoetan, egokitzapenik ez Iruñeko eskola publikoen egoera ere gaitzetsi du EH Bilduk. Indar subiranistak azaldu du ekainean plan bat zehaztu zutela Iruñeko eskola publikoak COVID-19ak eragindako egoerara egokitzeko. Halaber, salatu dute Iruñeko Udalak oraindik ez duela bete plan hori: «Bi hilabetean ez dute ezer ere egin. Argi geratu da eskuineko hiru alderdiek arlo honetan duten interesa hutsaren hurrengoa dela». Ostiralean, Iruñeko Udalak iragarri zuen 72.000 euroko laguntza emango ziela hiriko 27 eskola publikoei, eta, indar subiranistaren ustez, «lotsagarria» da kopuru hori. Laguntza hori urtero ematen den berbera dela azaldu dute EH Bildukoek, eta eskolek zer behar dituzten jakin gabe harturiko erabakia dela. «Barregarri» eta «iraingarritzat» jo dute erabakia.