date
stringdate
2012-09-20 00:00:00
2023-12-01 00:00:00
url
stringlengths
47
182
category
stringclasses
10 values
title
stringlengths
3
140
subtitle
stringlengths
0
1.17k
summary
stringlengths
5
1.18k
text
stringlengths
2
35.8k
2020-7-29
https://www.berria.eus/albisteak/184976/hiru-euskal-preso-gerturatuko-dituzte-eta-bat-madrilera-lekualdatu.htm
Politika
Hiru euskal preso gerturatuko dituzte, eta bat Madrilera lekualdatu
Raul Angel Fuentes Soto del Realgo kartzelara eramango dutela adierazi dute Espainiako Espetxe Erakundeek, eta Iban Apaolaza, Oihane Baquedano eta Aitor Fresnedo, berriz, Logroñokora.
Hiru euskal preso gerturatuko dituzte, eta bat Madrilera lekualdatu. Raul Angel Fuentes Soto del Realgo kartzelara eramango dutela adierazi dute Espainiako Espetxe Erakundeek, eta Iban Apaolaza, Oihane Baquedano eta Aitor Fresnedo, berriz, Logroñokora.
Espainiako Espetxe Erakundeek Euskal Herrira gerturatuko dituzte Iban Apaolaza, Oihane Baquedano eta Aitor Fresnedo, eta Soto de Realgo (Madril) kartzelara mugituko dute Raul Angel Fuentes. Fuentes Alicante II espetxetik Soto del Realgo kartzelara (Madril) lekualdatuko dute; Apaolaza, Granadatik Logroñora; eta Baquedano eta Fresnedo, Jaenetik Logroñoko espetxera. Fuentes 2014an sartu zuten kartzelan. 50 urteko espetxe zigorra ezarri zioten, 1991n Barakaldon (Bizkaia) polizia baten autoan bonba bat jartzen saiatzea leporatuta. 2031ko otsailean beteko ditu zigorraren hiru laurdenak. Apaolaza 2008. urtean espetxeratu zuten, Madrilen 2000ko urtarrilaren 21ean bonba-auto baten bidez egindako atentatuan parte hartzea egotzita. 123 urteko kartzela zigorra ezarri zioten, eta kondenaren hiru laurdenak beteko ditu 2033an. Granadako espetxeko tratamendu batzordeak bigarren gradura igarotzea eta Logroñoko espetxera gerturatzea proposatu du. Baquedano 2002an sartu zuten kartzelan, hemezortzi urteko kartzela zigorra ezarrita. Legez kontrako elkarteko kide izatea eta lehergailuak eta armak lizentziarik gabe edukitzea leporatu zioten. Zigorraren hiru laurdenak bete zituen 2016ko martxoan. Fresnedo 1996an espetxeratu zuten, 1995ean Bilboko NANaren bulegoetan atentatu bat egitea egotzita. Atentatuan Espainiako polizia bat hil zen, eta beste bat tetraplegiko geratu. Zigorraren hiru laurdenak bete zituen 2015ean. PSOE dagoenetik Espainiako Gobernuan —2018ko ekaina—, gaurko hiru horiek eta lehengo asteko beste bi iragarpen gauzatuta, 39 euskal preso hurbildu dituzte eta 12 Euskal Herriratu.
2020-7-29
https://www.berria.eus/albisteak/184977/ghk-k-erraustegia-kudeatzen-duen-enpresa-zigortu-du-maiatzeko-isuria-dela-eta.htm
Gizartea
GHK-k erraustegia kudeatzen duen enpresa zigortu du, maiatzeko isuria dela eta
Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak jakinarazi du Ekondakin enpresak hiru arau hauste egin zituela eta, orotara, 45.000 euroko isuna ezarri diola
GHK-k erraustegia kudeatzen duen enpresa zigortu du, maiatzeko isuria dela eta. Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak jakinarazi du Ekondakin enpresak hiru arau hauste egin zituela eta, orotara, 45.000 euroko isuna ezarri diola
Zubietako erraustegiaren (Gipuzkoa) azpiko Arkaitzerreka errekastoan maiatzaren hasieran gertatutako isuri bat dela eta —arrain ugari hil zituen—, GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren batzarrak erabaki du azpiegitura kudeatzen duen Ekondakin enpresa zigortzea. GHK-k osatutako txosten juridikoen arabera, hiru arau hauste gertatu dira, eta horien erantzulea da enpresa. Isuna, guztira, 45.000 eurokoa da. Arau hausteetako bat da amoniako isuriaren berri eman ez izana, eta hori «larria» da GHKrentzat (25.000 euro). Beste bi arau hausteak «arinak» dira: bat, askaren diseinuan egindako aldaketa ez jakinarazteagatik (10.000 euro), eta bestea, pH-metroa matxuratuta zegoela ez egiaztatzeagatik (10.000 euro). GHK-k plazaratutako oharraren arabera, zigor horiek «bateragarriak» dira kalte ordainak ordaintzeko «betebeharrarekin», baita auzian eskumena duten agintariek ezar ditzaketen «gainerako erantzukizunekin» ere.
2020-7-29
https://www.berria.eus/albisteak/184978/udan-enplegu-erregulazioan-diren-langileen-soldatak-osatuko-ditu-nafarroako-gobernuak.htm
Ekonomia
Udan enplegu erregulazioan diren langileen soldatak osatuko ditu Nafarroako Gobernuak
Onuradunek gehienez 450 euro jasoko dituzte, ordainketa bakarrean, urrian. 20.000 eurotik beherako soldata gordina duten langileentzat da laguntza, edo familiako diru sarrerak ez direnean 40.000 euro baino gehiago.
Udan enplegu erregulazioan diren langileen soldatak osatuko ditu Nafarroako Gobernuak. Onuradunek gehienez 450 euro jasoko dituzte, ordainketa bakarrean, urrian. 20.000 eurotik beherako soldata gordina duten langileentzat da laguntza, edo familiako diru sarrerak ez direnean 40.000 euro baino gehiago.
Nafarroakoa Gobernuak ere osatuko ditu udako hiru hilabeteotan aldi baterako enplegu erregulazioan dauden langileen soldatak. Osagarria jasoko dute 20.000 eurotik beherako soldata oinarria duten langileek, edo familiako diru sarrerak 40.000 eurotik beherakoak direnean. Onuradunek gehienez 450 euro jasoko dute —hilero 150—, eta jardunaldia murriztu dirua jasoko dute —100 euro, %50tik gorako murrizketarekin —. Ordainketa bakarra egingo da: urrian. Gobernuak uste du 11.000 lagun inguruk jasoko dutela osagarria. Maria Txibite lehendakariak eman du erabakiaren berri, asteazken arratsalde honetan, Gizarte Elkarrizketaren Kontseiluan —UGT eta CCOO sindikatuekin eta CEN patronalarekin— bilera egin ostean. Nafarroako Gobernuak hiru milioi euro aurreikusi ditu laguntza horretarako. Ekain hasieran, Nafarroan 17.632 langile zeuden aldi baterako erregulazioan, aurreko hilean baino %65 gutxiago. Gehienezko muga horiekin, errenta apalenei laguntzen zaiela azpimarratu du Txibitek, «Errenta apalenak dituzten langileen onurarako eta familia horiei arnasa emango die», azaldu du. Baldintza hori bera nabarmendu dute UGTko zein CCOOko idazkari nagusiek. Adostasuna lortuta, akordioaren garrantzia nabarmendu du: «Gizarte Elkarrizketaren Kontseilua elkarrizketarako erreminta da, eta esparru horretan ailegatu gara akordiora». Iraganean, kontseilu horrek izan duen funtzioa ikusita, ELAk eta LABek organo horren funtsa kritikatu dute maiz gizarte eragile horiek finantzatzeko erabilia izan dela gaitzetsiz eta elkarrizketa soziala beste esparru batean eman behar dela nabarmenduz. Sindikatu abertzaleak akordio horretatik kanpo geratu direla-eta, Txibitek azaldu du maiz egin zaiela gonbita parte hartzeko, baina uko egin diotela. «Euren burua baztertu dute» Epea amaituta, berriz aztertuko dute egoera. Alde batetik, ikusiko dute ea datozen hiru hilabeteetarako hiru milioi euroko aurrekontua osorik erabiltzen den, eta hala ez balitz, soberakina aurrerago erabiltzeko aukerarik izango ote duten. Bestetik, espero da aldi baterako erregulazioak erabiltzen jarraituko dela, eta oain mahai gainean diren gaietako bat da familia eta lana uztartzeko neurri gisa erabiltzea osagarria. Izan ere, hurrengo ikasturtea nolakoa izango den zehaztu zain, langile batzuek familia eta lana uztartzeko neurriak beharko dituztela aurreratu dute negoziazioko parte hartzaileek. Hori dena zehazteko dago, Nafarroako Gobernuak berak ez baitu oraindik zehaztu nolakoa izango den ikasturtea eta ikasleek zer baldintzatan hasiko dituzten eskolak. Jaurlaritzarenak, astelehenetik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan astelehen honetatik aurrera eska daiteke osagarria, Lanbideren webgunetik. Ekainaren 18an adostu zuten neurria EAEko Elkarrizketa Sozialeko Mahaiko kideek. Osagarria jasoko dute hilean 1.666 eurotik beherako kotizazio oinarria edo urtean 20.000 eurotik beherako soldata gordina duten langileek. Gehienez, 150 euro izango dira, eta hilero jasoko dute. Jaurlaritzaren kalkuluen arabera, 40.000 pertsona ingururi eragingo die neurriak, eta 15,4 milioi euro jarriko ditu horretarako.
2020-7-30
https://www.berria.eus/albisteak/184979/hegemoniaren-gakoak-aztergai.htm
Politika
Hegemoniaren gakoak aztergai
Trantsizioaren ostean, zentraltasun handia eskuratu zuen EAJk euskal politikagintzan, eta, 40 urte baino gehiago igaro diren arren, horri eusten dio Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako instituzio nagusietan.
Hegemoniaren gakoak aztergai. Trantsizioaren ostean, zentraltasun handia eskuratu zuen EAJk euskal politikagintzan, eta, 40 urte baino gehiago igaro diren arren, horri eusten dio Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako instituzio nagusietan.
Zaila da azken mendeko euskal politikagintza ulertzea EAJrik gabe. Eta, batez ere, 1980ko hamarraldiaren hasieran Hego Euskal Herriko egitura instituzionala finkatuta gelditu zenetik EAJk Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lortu duen hegemonia politika zientzien argitara aztertzeko moduko fenomenoa da: 2009tik 2012ra Patxi Lopez sozialista lehendakari izan zen garaia alde batera utzita, EAJ beti egon da boterearen erdigunean, eta, gaur egun, berrogei urteren ostean, hiru herrialdeetako aldundiak eta hiru hiriburuetako alkatetzak ditu eskura, eta lehenengo indarra izan da Eusko Legebiltzarrerako azken hauteskundeetan, bigarrenari hamar legebiltzarkideren tartea aterata. Zeintzuk dira nagusitasun horren gakoak? Leire Arrieta Alberdi Historia Garaikideko doktorea da, eta irakaslea Deustuko Unibertsitateko Gizarte eta Giza Zientzien fakultatean: «Dudarik gabe, EAJk rol oso garrantzitsua jokatu du Euskal Herriko aro garaikidean. XIX. mende amaieran sortu zen, XX. mendeko hasierako hamarkadetan indartu, II. Errepublikan modernizatu, gerran faxismoaren aurka borrokatu, erbestean eutsi, erbesteko azken urteetan bidea prestatu frankismoa amaitzen zen garairako, trantsizioan autonomia lortu, eta, gerora, garai ezberdinetara moldatzen jakin izan du. Agian, horretan datza historian izan duen indarraren gakoa, garai ezberdinetara moldatzeko gaitasun horretan. Bere diskurtsoaren sustraiak gehiegi mugitu gabe jakin izan du egokitzen, ordea; eta praktikan, are gehiago». Arrietak hainbat ikerketa argitaratu ditu nazionalismoaren historiari buruz, eta, batez ere, erbestearen garaia aztertu du. Garai «zaila» izan zen hura, bai eta aldakorra ere, nazioarteko testuinguruaren arabera: «II. Mundu Gerraren amaierako urteak itxaropentsuak izan ziren: EAJk eta, oro har, Eusko Jaurlaritzak, aliatuen garaipenak Francoren erregimenaren deuseztatzea ekarriko zuela pentsatzen zuten, eta gerratik sortutako Europa berrian Euskadik leku bat izan zezakeela. Baina Gerra Hotzaren hasierak, 1947an, egoera aldatu zuen, eta laster ikusi zuten Mendebaldeko demokrazia liberalek bizkarra ematen zietela. 1950eko hamarkada, beraz, desilusio garaia izan zen». 1960ko hamarkadan eta 1970eko hamarkadako lehen urteetan, politika «oso pragmatikoa» egin zuen EAJk, Arrietaren arabera: «Bere estrategiak etorkizunari begiratzen zion. Kontaktuak bilatzen eta jarrerak ezartzen hasi zen, Franco hil eta gero, Espainian negoziatzeko ahalik eta posiziorik onena izateko. Helburua zen, hain zuzen, gerra hasieran lortutako autonomia berreskuratu eta euskal eskubide historikoei eustea». Trantsizioaren garaia 1977ko ekainaren 15ean, Espainiako Gorteetarako hauteskundeak egin zituzten, lehenengoak berrogei urteko diktaduraren ostean. Zalantzak eta ziurgabetasuna handiak ziren: aurrekorik ez zegoenez, inork ez zekien noren alde egingo zuten herritarrek. «Leninista ez zena troskista zen, eta gu burgesak ginen, atzeratuak» aitortu zion Xabier Arzalluzek BERRIAri 2017ko abuztuan, hil aurretik egunkari honek egin zion azken elkarrizketan. «Hori leporatzen ziguten: alderdi zaharra ginen. Horren aurrean konplexuz beterik egoten ginen». Iñaki Galdos Eusko Alkartasunako legebiltzarkide (1999-2001) eta Hamaikabat alderdiko presidente izan zen (2009-2011), eta, egun, analista politiko dihardu zenbait hedabidetan; BERRIAn, besteak beste: «Iñaki Mujika Arregi Ezkerrak [ETApm eta EIAko kide historikoa] askotan kontatu dit EIAren inguruan euforia moduko bat zegoela, baina bera EGI-Batasunetik sartu zen ETAra 1972an, ondo ezagutzen zuen EAJren inguruko giroa, eta esaten zuen EAJk oso emaitza onak lortuko zituela, mundu horretatik zetorrelako eta bazekielako EAJ oso ondo antolatuta zegoela eta sare indartsua zeukala herrietan». Azkenean, Mujikak arrazoi: EAJk ezustekoa eman zuen, eta zortzi diputatu lortu zituen lau Bizkaian, hiru Gipuzkoan eta bat Araban. EAJko Bizkaiko ordezkariak 1977ko asanblea orokorrean. Ezkerretik eskuinera: Iñigo Agirre, Anton Ormaza, Xabier Arzalluz, Juan Jose Pujana, Juan Ajuriagerra, Sabin Zubiri eta Kepa Sodupe, zutik. Makurtuta, Sabin Intxaurraga, Josu Bergara eta Iñaki Anasagasti. SABINO ARANA FUNDAZIOA Antolakuntzak ez ezik, Galdosek uste du beste arrazoi batzuek ere azaltzen dutela EAJren arrakasta hura: «EAJk ziurtasuna eskaini zuen. Bazekien Xibertan beste batzuek proposatutako bidea antzua suertatuko zela, eta oso garbi zeukan bide instituzionalari ekin behar zitzaiola. Bestalde, jakin zuen erbesteko Jaurlaritzarekin lotura egiten eta hari jarraipena ematen; 1970eko hamarkadan oso ondo ezarri zuen jarraipenaren kontakizuna». Geroztik, eta gorabeherak izanik ere, EAJk zentraltasuna eskuratu du, eta ezinbesteko eragilea izan da euskal politikagintzan. EAJ «alderdi abertzalea, hots, Euskal Herriaren nazio eskubideak defendatzen dituen alderdi humanista eta soziala» da, Xabier Barandiaran soziologiako doktore eta Deustuko Unibertsitateko irakasleak emandako definizioaren arabera. «Horrez gain, Euskal Herriko zati batean, nagusiki EAEn, legitimaziorik handiena duen alderdia da, eta azken 50 urteetan gakoa izan da herrigintzan». Eta nondik datorkio «legitimaziorik handiena» izate hori? Barandiaranek uste du «faktore diferenteak» daudela, «batzuk EAJri dagozkionak, eta beste batzuk orokorragoak». Lehenengoen artean, «herrikoitasuna, kudeaketan asmatu izana, eta gizartean gertatzen diren aldaketak eta eskariak ondo interpretatzen jakitea» aipatu ditu. Baina, Barandiaranen ustez, beste faktore orokorrago bat ere badago: «Nire iritzirako, herri hau goberna dezakete EAJk edo ezker abertzaleak; ez dut uste Espainiako alderdi konstituzionalistek horretarako aukerarik dutenik, ez dutelako sostengu nahikorik. Baina ezker abertzaleak urte luzeetan biolentzia legitimatu izanak utzi du alternantziarako posibilitaterik gabe; aukera hori bideraezin bilakatu du». Nagusitasun hori hor dagoela onartuta ere, Galdosek uste du EAJren hegemoniaren auzia ez dela «mitifikatu» behar: «Hamarkada hauetan galera handiak ere izan ditu. Patxi Lopez lehendakaritzara iritsi zenekoa da nabarmenena, eta denok dakigu zergatik gertatu zen [PPk eta PSEk bat egin zuten, eta ilegalizatuta zegoen ezker abertzalea]; baina, Gipuzkoako Foru Aldundian bitan egon da kanpoan: EA eta EE zeudenean [1987-1991], eta, gero, EH Bildu egon zenean [2011-2015], eta Arabakoa ere PSE-EEren eta PPren eskuetan egon da. Kontuan hartzeko fenomenoa da, baina gabeziak eta ahuldadeak ezin dira ezkutatu, eta, egun ere, hegemonia izan duen hainbat herritan arazoak ditu zerrendak egiteko ere». Arrietaren iritziz, gakoa «EAJk egoerak interpretatzeko eta testuinguru ezberdinetara moldatzeko duen ahalmenean» datza. «Bestalde, erdian kokatzen badaki. Ezker-eskuin dikotomiatik ihes egin nahi izan du beti, etiketa horiek baztertzen ditu, zentroko irudi bat transmititzen saiatu izan da eta saiatzen da, eta, dirudienez, lortzen du. Horri gehituko nioke, halaber, diskurtsoa moderatua duela, ez dela muturretara joaten, eta horrek ideologia ezberdinetako jendea erakar dezake». Estitxu Garai Artetxe EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko irakasleak bestelako analisia egiten du: «EAJren hegemoniak antz handia du alderdi erregionalisten arrakastarekin. Ematen du Feijoo, Revilla edo Urkulluren alderdiak elkarrengandik urrun daudela, baina politika egiteko modua oso antzekoa da. Alderdiaren interesak lurraldearen interesak balira bezala saltzen dituzte, eta moderazioa eta kudeaketa dira ikur nagusia». Santiago de Pablok eta Ludger Meesek El péndulo patriótico liburua idatzi zutenetik, penduluaren irudi hori erabili da askotan EAJren jarduera definitzeko. Garaik uste du metafora hori «baliagarria» dela gaur egun ere: «Mugimenduak egiten dituzte ezker-eskuin eta abertzale-ez abertzale ardatzean, zentroan bukatzeko, edo, hobeto esanda, hori proiektatzeko. Ez da ideia edo balio batzuen bueltan gizarte eraldaketara bideratutako politika, botereari eustera eta hauteskundeetan funtzionatzen duenera bideratutakoa baizik. Jendarteari ondo hartzen diote pultsua. Gero eta gehiago hedatzen ari da politika egiteko modu pendular hori, eta horretan aitzindari izan direla esan daiteke». Ezker-eskuin ardatza «Ezker-eskuin ardatza» aipatu dute Garaik eta Arrietak, eta, hain zuzen ere, azken hauteskundeetako eztabaidetako bat izan da EAJ non kokatzen den ardatz horretan. Galdosen ustez, «ezker abertzalea tematuta dago EAJ eskuineko alderdi gisa irudikatzen, eta ez dut uste hori diagnostiko zuzena denik. EAJ izan daiteke ezker abertzalea baino eskuinekoagoa, eta ukaezina da bere baitan eskuinekoagoak diren sektore batzuk badituela, baina, oro har, EAJren politika ez da eskuineko alderdi batena. Auzorik aberatsenetan emaitza onak izaten ditu, baina Bizkaiko Ezkerraldean, adibidez, sekulako gorakada izan du azken urteetan». Barandiaranek uste du «ñabardurak» egin behar zaizkiola ezker-eskuin dikotomia horri: «Dena dela, ezkerraren eta eskuinaren ezaugarriak kontuan hartzen baditugu, ikusten dugu EAJ ez dela klase alderdi bat, ezkerreko alderdiak bezala, baina alderdi liberala ere ez. EAJk ezarri dituen politika sozialak eta Europan sozialdemokraziarik aurreratuenek ezarri dituztenak oso antzekoak dira». «Badakite euskal jendartea oro har aurrerakoia dela», esan du Garaik, «eta gizarte politiketan hartzen dituzte sozialdemokrata kontsidera daitezkeen zenbait neurri. Halere, egiturazko gaietan eskumako alderdia da, zalantzarik gabe. Koronabirusaren kudeaketan ere ikusi dugu hori, Confebasken mezuekin lerratzen da, eta alderantziz. Bestalde, PP eta CiU zenarekin batera donazio pribatu gehien jasotzen dituen alderdia da. Boteregune ekonomikoak alderdiari estuki lotuta daude». Genero ikuspegia ere sartu du Garaik bere analisian: «Feminismoa indartsu dago, eta alderdi guztiak dira horren jakitun. EAJ atzetik doa, nabarmen: zerrendaburu eta kargu instituzional garrantzitsu guztiak gizonezkoak izan dira beti. Botereguneetatik hurbil dagoen alderdia izaki, oso agerikoak dira harreman patriarkalak, postu horietara emakumeak iristeak aldaketa sakonagoa dakarrelako berez. Zerrenda parekideak egitea errazagoa da, baina kostako zaie erroko aldaketak egitea. EAJko emakumeek aparteko ahalegina egin beharko dute horretan». Bihar: Elkarrizketa Andoni Ortuzarrekin.
2020-7-29
https://www.berria.eus/albisteak/184980/iruneko-udalaren-sare-sozialek-elebidunak-izan-behar-dute-administrazio-auzitegiaren-arabera.htm
Gizartea
Iruñeko Udalaren sare sozialek elebidunak izan behar dute, Administrazio Auzitegiaren arabera
Iruñeko Udalak sare sozialetan euskara eta gaztelania bereizteko erabakia hartu zuen, baina Nafarroako Administrazio Auzitegiak adierazi du «legearen aurkakoa» dela bereizketa.
Iruñeko Udalaren sare sozialek elebidunak izan behar dute, Administrazio Auzitegiaren arabera. Iruñeko Udalak sare sozialetan euskara eta gaztelania bereizteko erabakia hartu zuen, baina Nafarroako Administrazio Auzitegiak adierazi du «legearen aurkakoa» dela bereizketa.
Enrique Maia Iruñeko alkateak euskara eta gaztelania sare sozialetan bereizteko erabakia hartu zuen. EH Bilduk horren aurkako helegitea aurkeztu, eta Nafarroako Administrazio Auzitegiak bertan behera utzi du Maiaren taldeak hartutako erabakia. Izan ere, Auzitegiaren arabera, «legearen aurkakoa» da gaztelania eta euskara bereiztea. Administrazio Auzitegiak adierazi duenez, Iruñeko Udalak «berdintasunez» tratatu behar ditu gaztelania eta euskara, «herritarrengana jotzen dutenean eta, bereziki, irudi korporatiboan». Horrez gain, orain arte sare sozialen kudeaketa ele bitan egiten zela gogoratu du auzitegiak, bi hizkuntzak kontu berean jarrita, eta gaineratu du ez zegoela «hori eragozten zuen arrazoi teknikorik, hau da, egingarria» zela. Horrekin batera, auzitegiak azaldu du udalaren titulartasuneko sare sozialek eta blogek elebidunak izan behar dutela, eta webgunearen kasuan hasierako orritik eskaini behar dela hizkuntza aukeratzeko aukera. EH Bilduren ustez, epaiak «agerian utzi ditu eskuineko hirukoaren euskarafobia eta kudeaketa traketsa», eta koalizioak ebazpena «berehala» betearazteko eskatu dio Maiari. Horrez gain, adierazi du «erabat gaitzesgarria» dela eskuinak «euskara bezalako altxor kultural bat erabiltzea 30 urtez boterean mantentzeko», baina «are penagarriagoa» dela estrategia hori erabiltzea bere «kudeaketa kaskarra», jarduteko modua eta «hirian duten paralisia» estaltzen saiatzeko.
2020-7-29
https://www.berria.eus/albisteak/184981/cafek-35-milioi-euro-galdu-ditu-lehenengo-seihilekoan.htm
Ekonomia
CAFek 35 milioi euro galdu ditu lehenengo seihilekoan
Urtea amaitu baino lehen berreskuratu nahi du galdutakoa. Bederatzi kontratu berri sinatu ditu, baina %12 gutxiago saldu du: iaz baino 149 milioi euro gutxiago. COVID-19agatik produkzioa gelditu behar izan zuen aste batzuez eta hainbat herrialdetan dituen mantentze zerbitzuak eten.
CAFek 35 milioi euro galdu ditu lehenengo seihilekoan. Urtea amaitu baino lehen berreskuratu nahi du galdutakoa. Bederatzi kontratu berri sinatu ditu, baina %12 gutxiago saldu du: iaz baino 149 milioi euro gutxiago. COVID-19agatik produkzioa gelditu behar izan zuen aste batzuez eta hainbat herrialdetan dituen mantentze zerbitzuak eten.
COVID-19ak gogor jo du CAFen ere. Urte hasiera txarra izan du; bereziki, martxotik ekainera. Pandemiaren eraginez, salmentak nabarmen murriztu ditu Gipuzkoako tren ekoizleak. Iazko lehen seihilekoan izandakoekin konparatuta, %12 gutxiago saldu du: 149 milioi euro gutxiago. 35 milioi euroko galera orokorra izan du. Aurreko urteko epe berean 25 milioi euro irabazi zituen. 2020ko lehen seihilekoaren emaitzen berri eman du asteazken honetan. COVID-19ak eta horri aurre egiteko hartutako neurriek gehien jo duten sektoreetako bat izan da garraioa. CAFek azaldu duenez, egungo testuingurua «konplexua» da, baina itxaropentsu azaldu da: azpimarratu du aurreneko sei hilabeteetan izandako galerak berreskuratzea espero duela urtea amaitu baino lehen. Hori hala izan dadin, eskari zorro «handi» bati eusten diola nabarmendu du, eta gaineratu du likidezia ziurtatzeko zor ildoak handitu egin dituela. Urtea hasi zenetik, eta bereziki lehen hiruhilekoan, bederatzi kontratu sinatu ditu konpainiak, autobusez eta metroz hornitzeko hainbat hiri (Bartzelona, Kolonia, Amsterdam, Napoli...), eta horien eta beste batzuen mantentze lanak egiteko. Azkena, ekainean sinatu zuen (baina ez du txostenean sartu): Espainiako Renfek 258 milioi euroko kontratu handi bat eman zion, 37 tren egiteko. Denbora horretan, gainera, ez du kontraturik baliogabetu. Dena den, aurreko urteko epe berean eginiko salmentekin konparatuta, alde nabarmena dago atal batzuetan: bereziki, trenen salmentan: iaz baino %25 gutxiago izan dira Osagaietan seinaleztapenetan eta bestelako ekipoetan, %10 gutxiago. Zerbitzuen alorrean, berriz, iazko baino %37 gehiago saldu du. Ekoizpena erdizka Zerbitzuetan izandako emaitza onek, baina, ez dituzte galerak ekidin. Aste batzuez produkzioa gelditu izanak eta hainbat herrialdetan dituen mantentze zerbitzuen eteteak eragin du %12ko jaitsiera orokorra. Apirilean, ekoizpena gelditzera behartuta egon zen konpainia, baina langile ugarik beren jarduerarekin jarraitu zuten, telelanaren bidez: ingeniaritzaren alorrekoek eta erosketa eta salmenta atalekoek, bereziki. Ekoizpen zentroetan, berriz, CAFek ez du aldi baterako erregulazio batera jo, eta langileekin adostu du lan egin gabe utzitako orduak nola berreskuratu.
2020-8-1
https://www.berria.eus/albisteak/184982/pertsianaren-zama.htm
Ekonomia
Pertsianaren zama
Diru galerekin hasten dute eguna langile autonomoek, negozioa irekitze hutsak gastu batzuk dakartzalako, baina irabazirik izango duten segurtasunik ez. Udazken gogorra datorkielakoan daude
Pertsianaren zama. Diru galerekin hasten dute eguna langile autonomoek, negozioa irekitze hutsak gastu batzuk dakartzalako, baina irabazirik izango duten segurtasunik ez. Udazken gogorra datorkielakoan daude
Autonomoen soldatari buruz hitz egiteko asmoa aipatu orduko, irribarrea atera zaio Juan Carlos Ekiza Nafarroako Langile Autonomoen Elkarteko (ATA) lehendakariari: «Grazia egin dit soldata eta autonomo esaldi berean entzuteak. Guk jakin dezakegun bakarra da pertsiana altxatzea zenbat kostako zaigun; hortik aurrerako dena zalantzazkoa da». Koronabirusak bultzatuta egin du Jose Cebrecos Bizkaidendak elkarteko lehendakariak ariketa hori, hau da, negozioa zabaltzeak egunean zenbateko kostua eragiten dion kalkulatu du, eta onartu du susto ederra hartu duela. Lau zapata denda ditu. «Alokairuak, langileak, zergak... Ni goizero 800 euro gastatuta esnatzen naiz, eta hori, generoa ordainduta edukita». Autonomoen kasuan, hil horretako etekina pareka daiteke soldatarekin, fakturatu dutenari gastu guztiak ordaindu ostean geratzen den zatia. Eta fakturatutakoaren eta irabazien artean alde handia egoten dela nabarmendu du Ekizak. «Adibide erraz bat jarriko dut: webguneak egiten dituen batek zerbitzua bakarrik ematen du; ia ez dauka materialak erosi beharrik. Bada, mila euro irabazteko, 2.500 euro inguru fakturatu behar ditu». Eta gastuen zerrenda egin du jarraian: autonomoen kuota, ia 280 euro; PFEZa, fakturatutakoaren %15; lokal bat, gutxien-gutxienik hirurehun euro; Internet, berrogei euro; noizbehinka taxiren bat edo otorduren bat, 50 euro; argindarra; orri batzuk... Zehaztu du negozio motaren arabera asko aldatzen direla gauzak, baina kontatu du lana egin ahal izateko material asko erosi behar izaten duten autonomo horiek —garraiolariak, mekanikariak, igeltseroak eta abar— hamar aldiz gehiago behintzat fakturatu behar izaten dutela mila euro irabazteko. Haren hitzetan, buruan asmo batzuk egoten diren arren, hau da, soldata bat edo hilean kopuru jakin bat irabazteko nahia egoten den arren, horretara mugatzen da kontua: «Itxaropen bat da soldata hori, ilusio bat, proiektu bat, baina ez besterik. Segurua gastuak bakarrik izaten dira». Negozioan dirua sartzen dela ikusita irabaziak ere ondo doazela pentsatzeko arriskua egon daitekeenez, garrantzitsua iruditzen zaio inguruan aholkularitza ona izatea. «Izan ere, ezinezkoa da guztia kontrolatzea: ea finantzaketa merke duzun, zer diru laguntza dauden, nola egin marketina...». Diru galerekin hasten dute eguna, eta ordaindu beharreko horiek kontuan hartuta erabaki behar izaten dute zenbateko tarifa finkatu beren zerbitzuei, edo zenbat kobratu produktu bat. Cebrecosen hitzetan, gastu eta prezio guztiak nola koordinatu erabaki behar izaten dute. «Non irabazi ikusi, non galdu, non estutu... Azkenean, eskaeraren arabera jartzen ditugu prezioak». Alabaina, gero eta zailagoa da aurreikustea zer bilakaera izango duten salmentek. «Lehen, urte arteko konparazioak eginda, bazenekien maiatza ona izango zela, urria ere bai. Orain ez dugu halako jarraitutasunik: eguraldi ona, Athleticen partida... Hainbeste input daude eragiten digutenak». Uste du jendea «low cost-arekin engainatzen» hasi zenean okertu zirela gauzak saltokientzat. «Normala ez den prezio politika eta ekonomia mota batera goaz. Ezin gara beti prezioak jaisten aritu». Azaldu duenez, zapata baten prezioa merkatu ahal izateko, esate baterako, hornitzaile ugari estutu behar izaten dira, pieza asko dituztelako oinetakoek —lokarria, zola, larrua...—, eta horietako bakoitza hornitzaile batena. «Eta zer gertatzen da? Estutu eta estutu, ezin dela kalitaterik eman prezio txikiagoan». Gutxienekora iritsi ezinda Liburudenda bat itxita. JON URBE, FOKU Besteren konturako langileentzat gutxieneko soldata bat bat dago finkatuta legez: Hego Euskal Herrian, aurten, 950 euro gordin baino gehiago ordaindu behar zaizkie lanaldi osoan aritzen diren langileei, gehienezko 40 orduko lanaldiarekin, eta hamalau ordainsari hartzen dira kontuan —hamabitan ordaintzea nahiago izanez gero, 1.108,33 eurokoa da gutxieneko soldata—; Ipar Euskal Herrian, berriz, 1.539,42 euro da kopurua 35 orduko lanaldirako, hamabi ordainketa kontuan hartuta.«Gutxieneko horren alde gaude, noski, baina aurtengo igoerak min egin digu. Kopuru hori ordaindu behar zaie langileei, baina enplegatzaileek beraiek, askotan, ez dute hainbeste irabazten. Horri ere begiratu behar zaio», esan du Ekizak. Autonomoen batez besteko irabazien daturik ez dute Nafarroako ATAn eta Bizkaidendak elkartean, baina batak zein besteak baieztatu dute asko eta asko ez direla iristen gutxieneko soldatan ezarritako kopuruetara. «Are okerrago, dirua galtzen edo oso gutxi irabazten ere asko ari dira, ahal duten bezala irauten, agian 60 urte inguru dituztelako eta saltokia itxiz gero beste lanen bat aurkitzea zaila dutelako», azaldu du Cebrecosek. COVID-19ak eragindako egoera dela medio, aholkularitza zerbitzu bat hartu zuten Bizkaidendak elkartean. 2.000 bazkide inguru dituzte, eta 4.000 dei jaso dituzte alarma egoeran. «Bagenekien gaizki geundela, baina ez genuen uste egoera hain txarra zenik». Martxoaren 14an jarri zen indarrean alarma egoera, eta azaldu du saltoki batzuek hilabete horretako autonomo kuota ordaintzeko adina ere ez zutela. Haren esanetan, horrek erakusten du egunean egunekoarekin bizi direla merkatari asko. «Orain dela hiru urte eskatu genuen autonomoentzako diru sarrerak bermatzeko errenta, eta jendea harritu egin zen, baina egoera halakoxea da». Eta hobera ez baizik okerrera egitea espero du. Berriz ere konfinamendua etorriz gero «erabateko hondamendia» izango dela uste du, eta bestela ere zailtasunetatik ez direla libratuko. «Gure moduko jendearentzat arazoak orain hasiko dira batik bat, krisi ekonomikoaren eraginak jasaten hasten garenean; osasun pandemia izan beharrean, pandemia ekonomikoa izango da. Sumatu egiten da». Bizkaidendak-eko lehendakariaren esanetan, kezka dago herritarren artean, konturatu baitira beharrezkoa dela aurrezki batzuk izatea, edozer gerta daitekeelako egun batetik bestera. «Ikusi dugu bi hilabeterako etxera bidalita gaizki pasatzen dela, eta zuhurrago dabil jendea. Horrek kontsumoa murriztea ekarri du». Konfinamendua amaitu berritan, gertuko saltokietan erostearen aldeko kontzientziazio bat igarri zuen. «Baina ahaztu egin zaio jendeari. Kosta ahala kosta, merkeena nahi du orain. Jendea ez da konturatzen hemen gaudela gure zergak ordaintzen, eta zerga horiek berriz ere sortzen dutela fluxu ekonomikoa herrian eta probintzian». Bide beretik doaz Nafarroako ATAren aurreikuspenak. Barometro bat egin du herrialdeko autonomoekin, eta emaitza izan da iazko fakturazioaren erdia espero dutela; hain zuzen, %89,9k uste dute gutxiago fakturatuko dutela aurten. «Hori soldatetara eramanez gero, fakturazioa gutxitzen zaien horiek eta ixten dutenek zer soldata izango dute datozen hilabeteetan?». Era berean, %30ek erantzun dute enplegua gutxituko dutela. Hain zuzen, estatistikek erakusten dute jada hasi dela autonomo kopurua murrizten, baina batik bat udazkenera begira daude jarrita elkartean. «Negozio asko galduko direla uste dugu. Horregatik, bigarren aukeraren legea prestatzen hasi behar dugu berehala, orain ixten duten horiek berriz hasteko aukera izan dezaten». Uste du kulturalki oraindik zigortu egiten dela porrot egitea. «Beste herrialde batzuetan, balioa ematen zaio erori eta berriz hasteari. Hemen, ez: hemen, seinalatu egiten da. Hori aldatu beharra dago». Jarrera kontua Cebrecosek eta Ekizak azaldu dute negozioa itxitakoan ere ez direla amaitzen arazoak autonomoentzat, askok zorrekin amaitzen dutelako, eta horiek ordaintzen jarraitu behar izaten dutelako. «Enplegua erregulatzeko espediente batean sartutakoan, diru guztia langileentzat izaten da; gure kasuan, ez dago halakorik». Etor daitekeenari begira jarrita, badituzte lagundu dezaketen zenbait neurri buruan. Autonomoentzako finantzaketa eskatu du Ekizak. «Funtsezkoa izango da». Eta kontatu du badagoela bereziki amorrua ematen dion kontu bat: udalen berankortasuna. «Fakturatzea kostatzen denarekin, kobratzeko arazoak izaten dira gainera. Ez dute legea betetzen, eta udalei banku lana egiten diete autonomoek». Zergekin du kezka Cebrecosek. «Egundoko presioa dugu, eta tristeena da orain ere guk ordaindu beharko dugula». Bide beretik, Ekizak nabarmendu du ez dela zergak igotzeko garaia, diru gehiago bildu beharrean kontrakoa izan daitekeelako ondorioa. «Negozio bat estutzen baduzu, ixtea eta enplegurik ez egotea lortzen da: ez autoenplegurik, ez besteren konturako langilerik. Batzuetan, diru gehiago lor daiteke jendeak lanean jarraituta». Denda bat, koronabirusak eragindako egoeraren ondorioz itxita. RAUL BOGAJO / FOKU Arazoak arazo, irrikaz hitz egiten dute autonomo izateari buruz, eta halaxe bizi dute beren egunerokoa ere. Edozeinek ezin duela autonomo izan dio Cebrecosek. «Zentzuduna izan behar da, aurrezki batzuk eduki martxan hasi aurretik, bideragarritasun plan bat egin, eta abar». Gaur egungo egoera kontuan hartuta, «ausardia» hitzarekin deskribatu du autonomo izatea. «Pentsamolde bat da, gogorra, baina baditu bere alde onak ere: adibidez, zeure buruaren nagusia izatea. Ilusioa beti eduki behar da; bestela, egunero 800 euroko zorrarekin hasten zarela pentsatzen baduzu, ez zara ohetik jaikitzen». Ekizak uste du autonomo izatea «jarrera» bat dela, eta besteren kontura aritzen direnen eta norbere kontura aritzen direnen artean alde nagusi bat dagoela: «Soldatapekoek segurtasuna bilatzen dute, eta horrekin ez dut esaten konformistak direnik, denek nahi dutelako gora egin. Autonomoek, ordea, ezin dute segurtasun horren bila hasi, ez dagoelako». Ekintzaile hitza gustatzen zaio, negozio bati ekin eta batere segurtasunik gabe apustu horren alde egitea dutelako ardatz, «sabairik gabe». Desio bat ere aipatu du: «Batzuetan nahiko nuke autonomoak izan diren agintariak edukitzea, zeren ez dute ezagutzen gaia, eta nahiko nuke gurearen moduko elkarteei ere gehiago entzutea».
2020-8-1
https://www.berria.eus/albisteak/184983/joan-mari-torrealdairen-arabera.htm
Gizartea
Joan Mari Torrealdairen arabera
Azkeneko urteetan makina bat sari, omen eta aitortza jaso zituen Joan Mari Torrealdaik. Bere ideiak solas gozoan aurkezteko eta mezu sendo bezain argiak plazaratzeko baliatu zituen aukera horiek.
Joan Mari Torrealdairen arabera. Azkeneko urteetan makina bat sari, omen eta aitortza jaso zituen Joan Mari Torrealdaik. Bere ideiak solas gozoan aurkezteko eta mezu sendo bezain argiak plazaratzeko baliatu zituen aukera horiek.
Hizkuntza eskubideak bermatzeko protokoloa aurkeztu zutenean, 2016an, lau ideia edo lezio argi utzi nahi izan zituen Joan Mari Torrealdaik. Bat: ezina ekinez egiten dela. Bi: lanak asko dezakeela. Hiru: herri ekimenak indar ikaragarria duela. Eta lau: hizkuntzak identitate indar handia duela, baina identitatea ez dela aski hizkuntzak balio praktikorik ez badu, hizkuntza komunitatearen kultur tresna ez bada. Ideia horiek laburtu dezakete Torrealdairen ekarria neurri batean, baina haren jarioa sakonagoa zen, eta arlo gehiago ukitzen zituen. Azkeneko urteetan han eta hemen egindako elkarrizketa eta hitzaldietan utzi zituen ideia eta proposamen nabarmen batzuk bildu ditu BERRIAk artikulu honetan: «Memoriaren berreskurapenean, badirudi dena hildakoetara bakarrik mugatzen dela. Errepresio kultural eta linguistikoa aintzat hartu behar dute memoriaren elkarte eta taldeek. Zer da zentsura, errepresioa ez bada...». «[Euskaldunon Egunkaria] Leku naturalean jaio zen: euskalgintzan. Betiere, euskalgintza sozialaren baitan; alegia, gizarte zibileko euskalgintza antolatuan. (...) Pare bat urte lehenago, Ajuriaeneko Itunak bitan banatua zuen gizartea, demokraten eta ez-demokraten artean. Euskalgintza soziala ez-demokraten artean kokatu ziguten, ez maliziarik gabe». «Jakinek erreferentzialtasuna, independentzia eta sinesgarritasuna erdietsi baditu, bateragune izateko bokazioagatik izan da. (...) Euskalgintzaren zentraltasuna ez da eslogan hutsa. Gure proposamen nagusia da herrigintzaren eraikuntzan». «[Zentsurak] Era guztietako formak hartzen ditu: askotan lerro editorialen atzean ezkutatzen da, ekonomiaren ikuspegia hartzen du, ideologikoa... Birus mutante bat bezala ere definitu izan dut». «[1960-1970eko hamarkadei buruz] Editorialak falta ziren, kazetariak, elkarteak... Hori zen orduko Euskal Herria, eta zentsurak giro hori eskastu egiten du; artikuluak ezin dira idatzi, gaiak ezin dira landu. Eta gizarte bat horrela aberasten da. Gizartea hila da truke ideologiko gabe». «Desmemoria programatu horren ondorioak orain ere bizi ditugu. Gure belaunaldikook eten izugarri bat izan genuen aurrekoarekin, gerra zela-eta. Ez genuen eduki memoriaren transmisio bat; gero deskubritu behar izan dugu». «Baldintza horietan joan ginen deskubritzen euskal kultura, euskal politika eta gainerako guztia. Guk katea etenda hartu genuen, eta kate hori lotzen saiatu izan gara beti». «Gure taldea ez baita izan Jakinen bakarrik bizi izan diren kidez osatua. Hamaika egitasmotan aritu izan gara. (...) Jakin ez da izan pulpitu, ez katedra. Plaza izan da. Herriko plaza, gogoetaren plaza eta lankidetzarako elkargunea. Horregatik, pentsamenduaren geografia zabaletik hurbildu zaigu jendea». «Euskaltzale multzo batek erabaki zuen erakundeek bazter utzia zuten egunkariaren proiektua gauzatzea. Orduan ere giroa ez zen alde: goizegi zela, ez zegoela kazetaririk, ez eta irakurlerik, euskarak berak ez zuela tradizio periodistikorik, ez zegoela proiektua gauza zezakeen enpresarik...». «Nire eskarmentuko lezio nagusia esaldi labur honek bil dezake: ezina ekinez egina. Abiatzeko unean hainbat ekimenek hala ematen zuten, lortezinak zirela, baina, historia lekuko, ekinaren poderioz burutzera iritsi izan gara». «Daukagun hoberentxoena herri ekimenari, lan eta elkarlan kolektiboari, hezkuntza komunitate aktibo eta konprometituari hein handi batean zor diogulakoan nago. (...) Herri ekimenaren formula ez da iraganekoa eta ez dago iraungia. Ezta gutxiago ere. Globalizazioaren haizeteak dena berdindu, homegeneizatu, eta uniformetu behar duen honetan, are beharrezkoagoa da hizkuntza komunitate antolatuaren esku hartze zuzen eta proaktiboa». «Guztiz konbentziturik nago, aurrerantzean ere, hizkuntzaren estatusa edozein delarik eta legeak aldeko izanik ere, hizkuntza komunitateak eutsi beharko diola hizkuntza gutxituaren normalizazio soziolinguistikoari». «Identitatea, guztiz baliotsua izanik ere, ez da aski, ordea; hizkuntzak bere balio praktikoa, komunikazio indarra erdietsi behar du, komunitatearen kultur tresna behar du izan, hiztun komunitatearen premia guztien zerbitzuko. (...) Hizkuntza, guretzat, ez baita filologoen perpausa ez olerkari erromantikoen bertsoa. Hizkuntza gertakari soziala da, hizkuntza komunitatearen ikur eta lanabes. Batak bestea gabe, hizkuntza komunitate gabe, hutsala du funtzio soziokulturala». «[Egunkaria-ren itxiera] Kultur genozidio saio baten pareko jarriko nuke ia-ia, ez zaidalako iruditzen euskarazko lehen periodiko normalizatua horrela erail daitekeenik. Gainera, inpunitate guztiz». «Euskal Herria ulertzeko modu bat zor diot nik Arantzazuri; probintzien eta txokokerien gainetik Euskal Herria bere osotasunean ulertzeko modu bat. Osotasun bat. Handik ekarri genuen euskara batuarena. Guretzat natural-naturala izan da. Eta gero Jakin, han sortu zen 1956an. Hori izan da nire bizitzako ardatza. Esan liteke biologikoki Foruan jaio nintzela, eta kulturalki, Arantzazun». «Jakinen nobedadea hau zen: gerra osteko lehenengo belaunaldi autonomoa zen. Haiek sortu zuten, ez gerra aurreko Orixek, Labaienek edo Lekuonak. Gazteek beraiek sortu zuten proiektua». «Gu intelektualak ginen, seminariotik paseak, eta maila horretako euskara bat behar genuen. Jakin zen horretarako tresna. Hasieratik hasi ginen, esate baterako, hiztegi kultural bat sortzen. Kultur tresna gisa, eta Euskal Herri osorako. Euskara batua ezinbestekoa izan da guretzat, eta gure borroka ere bai». «Gure tragedia da subsumituta gaudela erdal munduan: edo euskara ez dakitelako edota euskara jakinda ere beren erreferentzia mundua kanpoan dagoelako, gure mundua ezezaguna da haientzat. Eta ezagutzen ez dutenez gero, bihurtzen da bigarren mailakoa, interesik gabea...». «[Euskal liburutegi nazionalaz] Eusko Jaurlaritza etorri zenean, beste aukera galdu bat: ez zen horren premiarik ikusi. Euskadiko Orkestra, bai, egin zen, zerotik sortua. Konbentzitua nago biblioteka nazional baten planteamendua orduan egin izan balitz, gaur edukiko genuela. Ez zen egin. Geroztik erreibindikazio solteak egin izan ditugu, baina indar gutxirekin. Instituzioek ez dute aintzat hartzen». «[Torturei buruz] Niri kosta egin zitzaidan asumitzea eta plazara ateratzea. Atera naizenean, liberatu egin naiz. Ez daukat erreparorik edozeinen aurrean azaltzeko. Narratiba soil bat egitea aski da. Eskuliburu batekin joan izan den teoria hori pikutara bota genuen, gure sinesgarritasunagatik. Eskuliburuaren gai hori tartetik kentzea torturari sinesgarritasun handia ematea da». «Hamahiru urte ere ez genuen egin [Egunkaria-n]; epaiketari begira ia beste hainbeste egin dugu. Ametsa gauzatzen pasatu genuen denbora eta amesgaiztoa kendu ezinik pasatu genuena berdintsua da, hilabete batzuk gorabehera». «[Egunkaria] Ez da indar politiko batek sortu duela, edo enpresari batek; euskalgintzak, herri ekimenak, gizarte kulturalak sortu du. Indar bateratzaile gisa sortu zen. Beste gauza bat da herri honetan denena izatea oso zaila dela; baina ez zen inorena. Guztiona izatera ez zen iritsi, baina ez zen inorena». «Falta zaiguna da elkar hartuta euskalgintzak bere egiteko estrategikoan sinestea. Oraindik, nahiko multzoka goaz. Hizkuntza politikan, esate baterako, gu ikusle batzuk gara. Ez gara aktoreak. Errua instituzioei emango diegu, gurekin ez dutelako kontatzen. Baina geuk zergatik ez dugu bat egiten?». «[Euskaltzaindia] Akademia da, baina hizkuntza minorizatu baten akademia. Bere leku naturala euskalgintza du. Ez da akademia klasiko bakartu bat. Badakit horrela pentsatzen dutela batzuek. Nik esaten dut horretaz aparte Euskaltzaindiak bere jatorritik dauzkala Iker eta Jagon. Bi beso dauzkagunean, bati zergatik egin behar diogu uko?». «Bai, minbizia dut, non eta hezur-muinean. Barrurago ezin. Zuen aurrean egin nahi dut publiko. Bistan da zergatik: deskribatu dudan torturari lotzen diot gaitza, nire minbizia». «[Jakineko kideek] Euskalgintzaren baitan egon diren gauza garrantzitsu askotan parte hartu izan dugu. Ikastolak kenduta, nik uste dut gainerako mugimendu gehientsuenetan momenturen batean egon izan garela». «Azken 50-60 urteotan euskalgintzak eta euskal kulturgintzak egindako urratsak handiak eta guztiz garrantzizkoak izan direla argi dago. Herritarren ekimen sozialari esker izan da hori funtsean, hasieran guztiz eta gero ere neurri handi batean. Horren fruitu dira gehienbat: Ikastolen gaurko sare trinkoa, alfabetatze-euskalduntzearen mugimendu zabala, euskarazko komunikabide hainbaten emaitza, bertsolaritzaren osasun ederra, euskal unibertsitaterako bidegintza. Lorpen eta aurrerapenon aitzinean, euskaldunok geure buruarekiko konfiantza edukitzeko eta berresteko moduan gaude, betiko galtzailearen sindromea baztertuz». «2002. urtean Guardia Zibilak idatzi zuen txosten batek bitan banatzen zuen euskalgintza: ona eta gaiztoa, instituzionala eta terrorista. Gure atxiloketen eta Egunkaria-ren epaiketaren oinarria txosten hori izan da: euskalgintza gaiztoa ginen». «Argi geratu da letra gizonak garela, ez arma gizonak». «ETAtik harago badago bizitza. Zorionez, ez da dena ETA, eta horren adibidea da Egunkaria». «Gu euskararen militantziak batzen gintuen. Euskararen alde, euskaraz eta euskaragatik egiteak». «Guri egin digutena prozesu inkisitorial bat izan da». «Sinesgarritasuna beti frogatu behar izan genuen, eta nik uste dug lortu genuela. Zergatik? Oso garbi jokatu genuelako». «Oso zaila da rankinga zehaztea liburu beltz batean. Gertaera beltz baten belztasuna zenbatekoa den azaltzea ez da erraza. Baina Egunkaria-rena ez litzateke azken puntuan egongo: uste dut oso letra larritan eta oso letra beltzetan agertu beharko lukeela». «Globalizazio orohartzaileari aurre egiteko Karlos Santamaria maisuaren lezioa ikasia dugu, unibertsal izateko modua partikular izatea dela, euskaldun; eta horretarako guk erroak indartu behar ditugula». «Euskaltzaleen batzarretan bi ildo estrategikoak aipatzen dira, ekintza eta gogoeta, labur esanda. Mesfidantza punttuz begiratzen diote elkarri, aukera bakoitzaren joerazko arriskuen beldur edo: ekintza, txoroa bailitzan; eta gogoeta, antzua. Premiazkoa da gogoetazaleen eta ekintzazaleen (nolabait esatearren), bi jarrera hauen ekarpenek lehenbailehen bata bestea elikatzen hastea». «Alderdien arteko tirabiretan euskara ahuldu egiten da, eta hobe da euskalgintza aparte lantzea .Eta gainera, guztiona da euskara, ez batzuena bai eta besteena ez. (...) Euskalgintzak ez du atarramendu onik arazoa dikotomikoki planteatzen bada. Euskararen politizazioa errazegi gertatu izan da, euskalgintza ahulegia delako. Euskalgintzak indartu egin behar du, barne kohesioa trinkotu, indarrak elkarren arrimuan bildu. Euskalgintzak eremu autonomo bihurtu behar du. Aurrerantzean euskalgintzak berak hartu behar du hitza, diskurtso autonomo propioa landu behar du, berak markatu behar ditu estrategiak, berak hartu behar du iniziatiba gizarte eragileen eta gertakarien aurrean. Hauxe iruditzen zait gaur egungo erronkarik larriena. Hil ala bizikoa, esango luke norbaitek». «Gaurko munduaren martxa laisterrean, bizi nahi badu, euskal kulturak ez du geldi egoterik. (...) Euskal kultura, gelditzen bada, kultura handi horiek markatutako bidea segitu beharko du. Eta hor galduko da. Horregatik euskal kultura ez zaio kontserbatzeari lotuko. Ez du hortik etorkizunik. Lortzera jo behar du. Egoera berriei planteamendu berriak: hori da efikaziaren legea. Eta gaur, lortzea da batez ere gure eginkizuna. Zer lortu? Mila gauza, baina baitipait bi, alegia, euskaldunak alfabetatzea (hitzaren zentzurik sakonenean) eta erdaldunak euskalduntzea». JOAN MARI TORREALDAI [1942-2020] Gehigarri berezia PDFn | Artikulu bilduma | Iritzi artikuluak
2020-7-30
https://www.berria.eus/albisteak/184992/josu-urrutikoetxea-atera-da-espetxetik.htm
Politika
Josu Urrutikoetxea atera da espetxetik
Herritar batek Paris erdigunean utzitako etxea izanen du obligaziozko bizilekua, eta ordutegi jakin bat errespetatu beharko du. Ez da Frantziako Estatutik ateratzen ahalko.
Josu Urrutikoetxea atera da espetxetik. Herritar batek Paris erdigunean utzitako etxea izanen du obligaziozko bizilekua, eta ordutegi jakin bat errespetatu beharko du. Ez da Frantziako Estatutik ateratzen ahalko.
Gaur 10:40 aldera atera da Josu Urrutikoetxea Parisko La Sante presondegitik. Laure Heinich abokatuarekin batera atera da, auto beltz batean, espetxeko atarian bilduriko komunikabide ugariren aurrean. Atzo arratsean jakinarazi zuen Parisko Dei Auzitegiko instrukzio ganberako epaileak euskal presoa libre utziko zutela. Hala ere, ez da osoki libre izanen, mugimendu oro zainduko dion eskumuturreko telematiko bat eraman beharko baitu. Herritar batek etxea utzi dio Paris erdigunean, eta hori izanen du obligaziozko bizilekua. Ordutegi jakin batzuk izanen ditu etxetik ateratzeko, eta debekatua izanen du Frantziako Estatuaren menpeko lurretatik ateratzea. Dei Auzitegiak uztailaren 1ean erabaki zuen Urrutikoetxea aske uztea eskumuturreko telematikoa ezarrita. Libre uzteko tramite bat bete dute ordutik: La Sante kartzelak epaileen erabakiaren egingarritasuna aztertu du, Urrutikoetxea han baitago preso iazko maiatzetik. Atzo, epaileak jakinarazi zuen aldeko iritzia eman dutela egingarritasun txostenean ere. Atzoko saioan, Laure Heinich defentsako abokatuak adierazi zuen eskumuturreko telematikoa «alferrekoa» dela, eta nahikoa litzatekeela kontrol judizial arinago bat. Jakinarazi zuen Urrutikoetxeari etxea utziko dion herritarra entzuna izan dela, eta berme guziak betetzen dituela. Eskumuturreko telematikoa ematekotan ordutegi malguak onartzeko eskatu zion epaileari, Urrutikoetxeak unibertsitateko klaseetan segitzeko aukera izan dezan. Azkenean, astean 10:00etatik 12:00etara eta 15:00etatik 20:00etara ateratzen ahalko da, eta asteburuetan, 10:00etatik 16:00etara. Baina ordutegia malgutzeko aukera izanen dela erran zuen epaileak. Fiskalburua eskumuturrekoarekin ateratzearen alde agertu zen, eta eskatu kontuan hartzeko presondegiak osatutako egingarritasun txostena: «Hobeki dago eskumuturrekoarekin, presondegiko lau hormen artean baino». Prozedura «katramilatuak» Laurent Pasquet-Marinacce defentsako abokatuak hitza hartu zuen oroitarazteko zertan diren Urrutikoetxearen kontrako prozedurak. «Badu urte bat baino gehiago espainolek dei egin dizuetela bi estradizio eta bi euroagindu ebazteko. Biziki luzea da», adierazi zuen atzo. Epaileari zuzenduta, erran zion auzitegia ez dela berant horren arduraduna. «Autoritate espainiarrak dira. Euroagindu bat ez da onartua; bestearentzat ez dira gai errateko zergatik epaitu nahi duten zehazki». Nabarmendu zuen Espainiarentzat «ikono» bat dela Urrutikoetxea, eta gogora ekarri zuen hura iazko maiatzean atxilotu ondotik Espainiako autoritateek eginiko prentsaurrekoa: «Ikonoa da, ETAk armak uztean izandako eginkizunagatik. Horrek azaltzen du Espainiaren gogoa. Eskaera herrenak dira, ez dira oinarrituak». Egoitz Urrutikoetxeak, Josuren semeak, oroitarazi zuen prozeduren «katramilatzea» izan zela uztailaren 1ean Parisko Dei Auzitegiak euroagindu bat —Barajasko atentatuagatik gizateriaren aurkako krimenena— bertan behera uzteko argudioetako bat. «Espainiako epaileek ez dizkiete erantzunak nahi bezain azkar eta sendo ematen Frantziako epaileei, eta horrek sakoneko arazo bat irudikatzen du». Eskumuturreko telematikoaren erabakiak horri erantzuten dio, haren iritziz: «Espainiak aski modu presazkoan egin zituen eskariak; azken batean, oinarri juridikoetan bainoago, kontakizunean du iturburua aitak orain pairatzen duenak».
2020-7-30
https://www.berria.eus/albisteak/185017/siemens-gamesak-805-milioi-euroren-galerak-izan-ditu-urritik.htm
Ekonomia
Siemens Gamesak 805 milioi euroren galerak izan ditu urritik
Koronabirusaren pandemiarekin zuzenean lotuta daude horietatik 149 milioi euro. Berregituratze prozesu batean murgilduta dago konpainia, eta berriz azpimarratu du «saihetsezina» dela Agoizko (Nafarroa) lantegiaren itxiera.
Siemens Gamesak 805 milioi euroren galerak izan ditu urritik. Koronabirusaren pandemiarekin zuzenean lotuta daude horietatik 149 milioi euro. Berregituratze prozesu batean murgilduta dago konpainia, eta berriz azpimarratu du «saihetsezina» dela Agoizko (Nafarroa) lantegiaren itxiera.
Siemens Gamesa etengabe ari da galerak pilatzen. Haize erroten enpresak gaur eman du urritik ekainera izan dituen emaitzen berri, eta kezkagarria da datua: 805 milioi euroren galerak izan ditu, horietatik 149 milioi koronabirusaren pandemiak zuzenean sortutako arazoei lotuak. Ez horregatik bakarrik; Indiako eta Mexikoko merkatuek izan duten motelaldiak eta Europa iparraldeko hainbat parke eolikok ezarri dizkioten zigorrek ere eragina izan dute. Iaz, aldi berean, 88 milioi euroren irabaziak izan zituen enpresak. Berregituratze prozesu batean dago Siemens Gamesa. Konpainiak hainbat buruzagi aldatu ditu azken hilabeteetan, galerak murrizteko eta konpainia errentagarri bihurtzen saiatzeko, baina Andreas Nauen presidenteak gaur onartu du aldi konplikatu batean daudela, «bai konpainia, baita sektorea ere». Euskal Herrian, Agoizko (Nafarroa) lantegia ixtea eragin dezake prozesu horrek, eta gaur erabaki horren aurkako itxialdi bat hasi dute hango langile batzuek, Iruñeko San Lorentzo elizan. Fabrika horrek 239 behargin ditu, eta Nauenek gaur adierazi du saihetsezina dela itxiera: «Ixtea erabaki aurretik bazegoen beste aukeraren bat, baina erabakiak ez du atzera-bueltarik jada». Etorkizuna Siemens Gamesarentzat, ordea, dena ez da beltz kolorekoa. Enpresak 31.500 milioi euroko eskari poltsa du, eta, beraz, produkzioa bermatua du datozen urteetarako. Gainera, energia berriztagarrien sektoreak luze gabe gorakada nabarmena izatea espero du konpainiak, eta Nauenek aitortu du aurreikuspenak oso onak direla.
2020-7-30
https://www.berria.eus/albisteak/185018/eraso-transfobo-eta-arrazista-bat-salatu-dute-gasteizen.htm
Gizartea
Eraso transfobo eta arrazista bat salatu dute Gasteizen
Emakume transexual bat jipoitu eta iraindu dutela salatu du Ikusgunek
Eraso transfobo eta arrazista bat salatu dute Gasteizen. Emakume transexual bat jipoitu eta iraindu dutela salatu du Ikusgunek
Ikusgune Gasteizko LGTIBI+fobiaren aurkako behatokiak salatu du emakume transexual batek eraso bat pairatu zuela uztailaren 21ean, Sansomendi auzoan. Pertsona batek eraso egin zion: jipoitu egin zuen, irain arrazistak esaten zizkion bitartean. Ertzaintzarengana jo zuen biktimak, eta salaketa bat ipini zuen. Ikusgunetik dei egin dute «adi egotera» sexu orientazioarengatik edo genero identitatearengatik gertatzen diren erasoen aurrean, eta, halakorik bada, laguntzeko prest daudela oroitarazi dute. Eskuko telefono bat dute propio halakoetarako (633 309 653), eta bestela behatokiaren webgunea erabil daitekeela adierazi dute. Erasoren bat pairatu duten pertsonak ez ezik, erasoen edo bazterkeria keinuen lekuko izan diren pertsonak ere animatu dituzte halakoak jakinaraztera.
2020-7-30
https://www.berria.eus/albisteak/185019/nafarroak-bere-defizit-helburua-handitzea-adostu-du-madrilekin.htm
Ekonomia
Nafarroak bere defizit helburua handitzea adostu du Madrilekin
Irailean berrikusiko dute, egoera ekonomikoaren arabera. Orain arte, %0an zegoen, eta, orain, %2,3 izango da. Egoera berrikusteko, Eusko Jaurlaritzak biltzeko deia egin dio Espainiako Gobernuari.
Nafarroak bere defizit helburua handitzea adostu du Madrilekin. Irailean berrikusiko dute, egoera ekonomikoaren arabera. Orain arte, %0an zegoen, eta, orain, %2,3 izango da. Egoera berrikusteko, Eusko Jaurlaritzak biltzeko deia egin dio Espainiako Gobernuari.
Nafarroako eta Espainiako gobernuek akordio bat lortu dute defizit helburu berri bat ezartzeko: % 2,3. Nafarroaren kasuan, %0 zen. Gainera, asteazken arratsaldean adostutakoaren arabera, datozen asteetan berrikus dezakete kopuru hori, «egoera ekonomikoak» hala eskatzen badu. Zehazki, irailean aztertuko dute berriro egoera, eta konpromisoa hartua dute bi aldeek betiere «goranzkoa» izateko. Hori guztia iritsi zain, defizitaren helburua %2,3ra handituta, 490 milioi euro gehiago gastatzeko aukera izango du Nafarroak. Zorpetzearen bidez lortu beharko du diru hori, nolanahi ere. Hala ere, beharrak askoz ere handiagoak dira. COVID-19ak eragindako krisi ekonomikoaren ondorioz, foru gobernuak aurreikusi zuen diru bilketak behera egingo zuela, eta «beharrezkotzat» jo zuen beste defizit helburu bat ezartzea. Nafarroako Gobernuak maiatzean kalkulatu zuen 818 milioi euro inguru izango dela diru sarreren jaitsiera, eta oraingoz ez du berrikusi kopuru hori. Halaber, pandemiak eragindako ondorio ekonomiko sozialei eta osasun beharrei aurre egiteko gastu publikoa 190 milioi euro handitu da. Guztira, mila milioi euro inguruko desoreka finantza publikoetan, hortaz. Oraingoz, 235 milioi gutxiago Nafarroako Gobernuko lehendakariaren hitzetan, alarmak ez dira piztu, baina «egoera kezkagarria» da. Urte osorako aurreikuspenez harago, ekainera arteko zerga bilketaren datuak txarrak dira. Ekainera arte, iragan urtean epe berean baino 235 milioi euro gutxiago bildu ditu ogasunak (-%15,2). Erorikoa batik bat zeharkako zergetan eman da, 224 milioi euro gutxiago (-%27) bildu baitira. Zuzenekoetan eta tasetan, aldiz, 6,9 milioi eta 4,4 milioi euro gutxiago, hurrenez hurren. Errenta kanpainak, adibidez, 32,3 milioi euroko saldo positiboa utzi du. Egoera horri aurre egiteko, Maria Txibitek azaldu duenez, akordioak gehiago zorpetzeko modua eman dio gobernuari. Horren helburua izango da «inor atzean ez uztea eta murrizketarik ez egitea». Txibitek zehaztu duenez, Madrilek erkidegoentzat sortutako 16.000 milioi euroko funtsaren kontzeptuak «argituz doaz». Hala, osasun gastuari aurre egiteko, gaur bertan, 88,7 milioi euro jaso ditu, eta espero da irailean 29,2 milioi euro jasotzea hezkuntza beharrei aurre egiteko. Azaroan, berriz, osasunerako beste ordainketa bat egingo du Madrilek, baina ez du zehaztu zenbatekoa. Txibitek aurreratu du guztira 160 milioi euro inguru jasotzea espero dutela funts horretatik. Hala ere, azken asteetan jakin denez, Madrilek 5.000 milioi euroko banaketatik kanpo utzi ditu Nafarroa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa. Txibitek, kopuru hori aipatu gabe, zehaztu du ogasun propioa izateak «beste egoera batean» uzten duela Nafarroa, baina «bide batetik edo bestetik» likidezia bermatuko dela. Txibitek iradoki du zorpetzera joko dutela, eta, hala, oraingoz, Madrilekin BPGaren %2,3ko defizita hitzartu dute. Txibiteren arabera, «akordioa itxita» dago, baina lehen urrats bat da: «Ezin dugu zorpetu aldebakarreko erabakiak hartuta. Akordio bidez egin behar dugu, eta horregatik eskatzen dut demagogia alde batera uzteko». Berretsi du akordioa ona dela, eta, konfiantza giroan, harreman ona duela Espainiako Gobernuarekin. Alderdien posizioak Navarra Sumako Javier Esparzak eskatu dio Txibiteri Nafarroaren interesak defenditzeko, Pedro Sanchezen interesen gainetik jarrita. Haren hitzetan, ez da ulertzekoa zergatik Espainiako Gobernuak utzi duen Nafarroa 5.000 milioi euroko funtsaren banaketatik kanpo. Gogorarazi du EAJk erabakia irmo kritikatu duela, eta, horregatik, Esparzak ez du ulertzen zergatik «Nafarroako Gobernuak ez duen txintik esan». Defizitaren helburua hitzartzea ontzat jo arren, haren ustez, testuinguru orokorra kontuan hartu behar da, eta ikusi nola geratzen diren beste erkidegoak eta EBko herrialdeak, hain zuzen, akordio ona den edo ez jakiteko. Esparzaren arabera, kopuru horiek ez dute ematen finantza publikoetan sortuko den zuloa estaltzeko. Geroa Baiko Uxue Barkosek «arindua» hartu du. Airef, Erantzukizun Fiskalerako Agintaritza Independentea kalkulatu du Nafarroak aurten ahalmena duela zorpetzeko BPGaren %2,3 eta %4 artean, eta Barkosi deigarria egin zaio tarte horretako alderik «gogorrena» hitzartzea. Halaber, kezkatuta azaldu da nola parte hartuko duen Nafarroak Espainiako zorpetzean. izan ere, gogorarazi du ekarpenean Espainiaren interesak ordaintzen dituela Nafarroak nahiz eta finantzaketa sistema autonomoa izan. Paradoxikoki, Madrilek 5.000 milioi euroko funtsetik kanpo utzi duen honetan, uste du «lantzen hasi» behar dela ondoren zor hori ez pagatzeko interesetan. EH BIlduko Adolfo Araizek ongietorria egin dio «lehen urrats horri». Hala ere, haren ustez, Nafarroak ezin du etengabe zorpetzearen bidetik jarraitu, eta funtsezko deritzo zerga sistema propioa baliatzea, «diru sarrerak sortzeko ahalmenari eusteko». Gogorarazi du, aurten, diru sarreren erorketak eta gastu publikoaren igoerak mila milioi euroko zuloa uzten duela. Hala, Araizen esanetan, gaurko akordioarekin 490 milioi euro lortuko dira; horrekin batera, iazko superabitak 131 milioi utzi ditu, Tokiko Ogasunen Funtsean 25 milioiren soberakinak daude, Hezkuntzarako zein osasunerako Madrilek 29 milioi eta 88 milioi euro banatuko dizkio. Hala, Araizen kalkuluen arabera, 763 milioi lituzke Nafarroak, eta «ez da nahikoa» mila milioiko zuloa estaltzeko. Araizek gogorarazi du Europako dirua datorren urtean iritsiko dela. Horregatik, zerga sistemaren erreminta baliatzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuari, diru sarrera propioak lortzeko. «Bestela, murrizketak etorriko dira» Ezkerrako Marisa de Simonen ustez, «zorpetzea ez da nahikoa. Zorpetzeak arnasa emango digu, baina eredua aldatu behar da». Argitu dio eskatzeko nola lehenetsiko dituen aurrekontu sail batzuk besteen gainetik, «murrizketarik egin gabe». «Bat nator ez dela murrizketen ordua, baina horretarako abagunerik ez da ez orain ez inoiz». Zerga erreformaren bidea hartzeko eskatu dio, diru sarrerak handitzeko asmoz. Azpiazu: «EAErako ez da nahikoa» Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean, Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak adierazi du Nafarroak Espainiako Gobernuarekin adostutako %2,3ko defizit helburua ez litzatekeela nahikoa izango EAE Euskal Autonomia Erkidegorako. Hori izan beharko lukeen argitzeko, uste du Madrilek lehenbailehen deitu beharko lukeela Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistora. Gogoratu du bilera hori uztaileko lehen astean egiteko «konpromiso politikoa» zegoela, baina, azkenean, ez dutela egin. Azpiazuk nabarmendu du Jaurlaritzak «argi» izan nahi duela zein den bere defizitaren egoera, zorpetu ahal izateko, 2021erako aurrekontuak zehazteko eta «gastu publikoari eutsi ahal izateko». Ogasun sailburuak esan du gobernuaren kontuak «onbideratuta» daudela eta zorpetzera jotzeko «tartea» duela. Zorpetzearen inguruan, ohartarazi du horrekin zer egin, nola pagatu pentsatu behar dela. «Aztertu beharreko gaia da; ezin dugu eztabaida hori saihestu». Zergak igotzea izan daiteke horretarako aukeratako bat, baina, sailburuarentzat, orain horri buruz hitz egiteak «arreta desbideratuko» luke. Azpiazuk ohartarazi du aurreikuspen ekonomikoak oso txarrak direla. Azpimarratu du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiek «hondoa jo» dutela du, baina espero duela urteko hirugarren eta laugarren hiruhilekoetatik aurrera «egoera hobetzea». «Desio bat da, datu ekonomikoetan oinarritutakoa». Enpresen konfiantza eta merkatuena «apur bat hazten» ari dela adierazi du; dena den, oraindik ere ziurgabetasuna handia dela uste du, eta susperraldi ekonomikoa pandemiaren eboluzioaren araberakoa izango dela. Orain arteko aurreikuspen ekonomikoak irailean berrikusiko dituztela adierazi du, eta aitortu du osasun krisiaren hasieran egindako aurreikuspenetan ez zutela asmatu: ekonomia %13 jaitsiko zela uste izan zuten, eta, azkenean, %20 jaitsi da.
2020-7-30
https://www.berria.eus/albisteak/185020/gure-esku-k-laquoatsekabezraquo-hartu-du-urkulluk-laquoelementu-tentsionatzaileraquo-deitu-izana.htm
Politika
Gure Esku-k «atsekabez» hartu du Urkulluk «elementu tentsionatzaile» deitu izana
Gizarte mugimenduaren «ikuskera distortsionatua» edukitzea aurpegiratu dio mugimenduak lehendakariari, eta euren egitasmoa «aurrez aurre» azaltzea eskaini diote.
Gure Esku-k «atsekabez» hartu du Urkulluk «elementu tentsionatzaile» deitu izana. Gizarte mugimenduaren «ikuskera distortsionatua» edukitzea aurpegiratu dio mugimenduak lehendakariari, eta euren egitasmoa «aurrez aurre» azaltzea eskaini diote.
Erabakitzeko eskubidearen aldeko Gure Esku mugimenduak ohar bat plazaratu du, Urkullu lehendakariaren gutuna dela-eta izenburukoa. BERRIAk atzo nabarmendu zituen lehendakariak Espainiako gobernuburuei bidalitako mezuetan gizarte dinamikari eginiko aipuak. Horietan, besteak beste, dinamika bera «elementu tentsionatzailea» dela esan zion Urkulluk Pedro Sanchezi. «Gure Eskuk atsekabez hartu ditu Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak procès-ari buruzko paperetan gizarte mugimendu honi buruz egiten dituen aipamenak», adierazi du dinamikak ohar batean, eta BERRIAren artikulua aipatu du iturri gisa. «Gure ustez, Gure Eskuri buruzko ikuskera distortsionatua erakutsi du». Mugimenduaren ekimenak herritarrak «kohesionatu eta ahalduntzera» bideratuta daudela adierazi du, eta nabarmendu dute euren helburua, sorreratik, «demokrazian sakontzea» izan dela, erabakitzeko eskubidearen defentsarekin. «Gizartea benetan tenkatzen duena, ordea, etorkizuna erabaki nahi duen gizarte bati aukera hori eragoztea da», gaineratu du Gure Esku-k, eta tenkatzaileen artean zenbatu ditu «bozkatzera doazen herritarren kontrako biolentzia poliziala edo erreferendum bat posible egin zuten buruzagi politiko eta sozialen kontrako errepresioa». Horren adibide gisa, Kataluniako prozesuarengatik Espainiak zigorturiko presoei hirugarren gradua ukatu izana aipatu du. Gure Esku-k erabakitzeko eskubidearen alde lanean jarraituko duela adierazi dio Urkulluri. Dinamikak adierazi du datozen hilabeteetarako «asmo ugari» dituela bide horretan, eta Urkulluri horiek «aurrez aurre» azaltzeko prest dagoela.
2020-7-30
https://www.berria.eus/albisteak/185021/agoizko-langileek-24-orduko-itxialdia-egingo-dute.htm
Ekonomia
Agoizko langileek 24 orduko itxialdia egingo dute
Alde Zaharreko San Lorentzo elizan egingo dute 24 orduko itxialdia eta baraualdia. Ohartarazi dute ez dutela lantegiaren itxiera erraztuko eta «amaierara arte» borrokatuko direla. Konpainiako buruak ziurtatu du ixteko erabakiak ez duela «atzera-bueltarik».
Agoizko langileek 24 orduko itxialdia egingo dute. Alde Zaharreko San Lorentzo elizan egingo dute 24 orduko itxialdia eta baraualdia. Ohartarazi dute ez dutela lantegiaren itxiera erraztuko eta «amaierara arte» borrokatuko direla. Konpainiako buruak ziurtatu du ixteko erabakiak ez duela «atzera-bueltarik».
Siemens Gamesaren Agoizko fabrikako (Nafarroa) langile talde batek 24 orduko itxialdia hasi du Iruñeko San Lorentzo elizan, eta, denbora horretan, baraualdia egingo dute mobilizazioan parte hartuko dutenek. «Ekainaren 30ean izan genuen lantegia ixteko asmoaren berri; ordutik, erabakia iraultzeko asmoz antolatu gara», azaldu dute prentsaurreko batean. Lantegia ixteko erabakiaren berri jaso zutenetik, beharginek mobilizazio ugari egin dituzte: bi manifestazio, bata Iruñean eta bestea Agoitzen; 50 ibilgailu baino gehiagoko auto karabana bat egin zuten Agoizko lantegitik Iruñeko erdigunera: oinez joan ziren lantegitik parlamentura, eta bilera ugari egin dituzte, eragile sozialekin, talde politikoekin eta Nafarroako Gobernuarekin, besteak beste. «Ez gara geldituko», ohartarazi dute. «Ez dugu nahi eta ez dugu onartuko gure etorkizuna eta gure familiena sakrifikatzea, multinazional baten etekinak gizentzen jarraitzeko», azpimarratu dute. Gogoratu dute Agoizko lantegia «gaztea» dela, «diru publiko asko» inbertitu dela han, eta «inbertsio txiki batekin» aurrera jarrai dezakeela. «Horregatik, eta aitzakiak sinesten ez ditugulako, urrats bat gehiago egitea erabaki dugu, eta 24 orduz giltzaperatuko gara, gure lanpostuen defentsan». San Lorentzo elizan egingo dute itxialdia. Ostegun honetan hasi dute, eta ostiralean amaituko da, 11:00etan. Ondoren, 11: 30ean, Nafarroako Parlamentura joango dira, azken bi asteetan herritarren artean bildu dituzten sinadurak erregistratzera. «Enpresari, Nafarroako Gobernuari eta, oro har, herritar guztiei esan nahi diegu multinazional baten politika ozpinduaren eta eskrupulurik gabeko politikaren biktimak garela, eta, diru gehiago irabazteko, ez zaiola axola 239 familiaren bizitza eta ametsak haustea. Dena den, argi izan behar dute amaieraraino borrokatuko garela». Erabakia berretsi du konpainiak Andreas Nauen Siemens Gamesako kontseilari delegatuak ziurtatu duenez, Agoizko fabrika ixteko erabakiak ez du «atzera-bueltarik». Taldearen hirugarren hiruhileko fiskaleko emaitzak aurkezteko prentsaurrekoan —805 milioi euroren galerak izan ditu urritik—, Nauenek esan du lantegia ixtea erabaki aurretik «alternatibarik ba ote zegoen» aztertu zutela, baina ez zutela beste irtenbiderik topatu, langile batzuk birkokatzeko sindikatuei egindako proposamenaz gain. Nauenek azaldu duenez, konpainiak «norabidea aldatzeko beharra» berretsi du, batez ere onshore edo lehorreko haize erroten negozioan, taldearen galera gehienak hor pilatzen direlako. Eta jakinarazi du enpresak doikuntza gehiago egitea aurreikusten duela; gogoratu du konpainiak lantegi sare «oso handia» duela mundu osoan. Lurreko haize erroten zifra txarrak gorabehera, kontseilari delegatuak azpimarratu du «tinko» sinesten duela alor horretan, konpainiaren «hiru hanketako bat» delako, offshore-arekin eta zerbitzuekin batera. «Errentagarria izan daitekeen ebidentzia dago. Horri buelta ematea, hobetzea, turbina egokiak egitea eta beharrezkoak ez diren arriskuak saihestea da helburua », azpimarratu du.
2020-7-30
https://www.berria.eus/albisteak/185022/euskarazko-bi-film-lehiatuko-dira-zinemaldiko-zuzendari-berriak-sailean.htm
Kultura
Euskarazko bi film lehiatuko dira Zinemaldiko Zuzendari Berriak sailean
David Perez zuzendariaren Ane eta Imanol Rayoren Hil kanpaiak proiektatuko dituzte jaialdian. Marina Palacio eta Laida Lertxundi euskal zinemagileen lanak ere programatuko dituzte, eta Euskal Herrian kokatutako Akelarre filma eta Patria telesaila ere emango dituzte Sail Ofizialean.
Euskarazko bi film lehiatuko dira Zinemaldiko Zuzendari Berriak sailean. David Perez zuzendariaren Ane eta Imanol Rayoren Hil kanpaiak proiektatuko dituzte jaialdian. Marina Palacio eta Laida Lertxundi euskal zinemagileen lanak ere programatuko dituzte, eta Euskal Herrian kokatutako Akelarre filma eta Patria telesaila ere emango dituzte Sail Ofizialean.
Ez da jaialdiko sail nagusia, baina bai nagusietako bat, eta lehiaketaren parte ere bada. Beren lehen edo bigarren pelikula luzea filmatu duten zinemagileen filmek osatzen dute Donostiako Zinemaldiko Zuzendari Berriak atala, eta euskarazko bi film ikusi ahalko dira aurten. David Perez bilbotarraren Ane izango da bi pelikula horietako lehena, eta Imanol Rayo arbizuarraren Hil kanpaiak izango da bestea. Euskal Herriko beste bi zuzendariren lanak ere programatuko dituzte, gainera. Zabaltegi-Tabakalera sailean emanoo dituzte Marina Palacio donostiarraren Ya no duermo eta Laida Lertxundi bilbotarrak sortutako Autoficción film laburrak. Irailaren 18tik 26ra egingo dute festibala aurten, eta, ohitura duenez, antolakuntza urratsez urrats doa programazioaren berri ematen. Bernardo Atxaga idazlearen Bi anai eleberriaren moldaketarekin egin zuen 2011n estreinaldia Rayok (Arbizu, Nafarroa, 1984), eta Zinemira saria eskuratu zuen hari esker Zinemaldian bertan. Miren Gorrotxategi idazlearen 33 ezkil eleberria hartu du oraingoan oinarritzat, eta Hil kanpaiak izendatu du haren zinemarako moldaketa. Besteak beste, Itziar Ituño, Eneko Sagardoi eta Kandido Uranga aktoreak zuzendu ditu, kasu honetan, eta Garizmedi baserrian agertutako hezurrek berpiztuko dituzten iraganeko zauriak ditu ardatz istorioak. Alaba baten desagerpena Orain arte film laburrak egin ditu, nagusiki, David Perez Sañudok (Bilbo, 1987), eta mundu osoko jaialdiak ezagutu ditu haiei esker. Esaterako, Aprieta pero raramente ahoga film laburra aurkeztu zuen Zinemira-Kimuak sailean 2017an, eta euskaraz filmatu du orain bere lehen film luzea: Ane. Desagertutako alaba baten bilaketa kontatzen du istorioak. Egun batez Ane ez da etxera agertuko gosaltzera, eta haren bila abiatu beharko du Lide izeneko amak. Abiadura Handiko Trena zaintzen egiten du lan amak, eta, desagerpenaren harira, ezezagun zitzaion alabaren aktibismoa deskubrituko du. Izan ere, familia barruko komunikazioari eta komunikazio faltari buruzkoa ere bada filma. Besteak beste, Patricia Lopez Arnaizek, Jone Laspiurrek, Mikel Losadak eta Nagore Aranburuk osatu dute aktore taldea. Akelarre eta Patria Horiez gainera, Euskal Herrian kokatutako filmek ere izango dute beren lekua Zinemaldian. Sail Ofizialean ikusi ahalko da, esaterako, Pablo Aguerok zuzendutako Akelarre filma. Argentinarraren bosgarren lan luzea da, eta Euskal Herrian filmatu du, euskara eta gaztelera tartekatuz. XVII. mendean kokatutako drama historiko bat da, eta sorginkeriarekin zerikusia duen prozesu judizial bat du oinarri. Lehia nagusiaren parte izango da lana, eta bertan proiektatuko dituzten beste bi filmen berri ere eman dute antolatzaileek. Antonio Mendez zuzendari espainiarraren Courtroom 3H fikzioz besteko lan luzea ere lehiatuko da sail horretan, eta, lehiaz kanpo, berriz, Rodrigo Sorogoyen zuzendariaren Antidisturbios fikziozko lana ere emango dute. Sail Ofizialak Patria telesailaren emanaldi berezia ere izango du, bestalde. Aitor Gabilondok HBO Europerentzat sortutako zortzi ataleko telesaila da, Fernando Arambururen eleberrian oinarritutakoa. Euskal Herriko historiaren hiru hamarkada jorratzen ditu, indarkeriak banatutako bi familiaren ikuspegitik, eta euskal aktore sorta batek hartu du parte hura filmatzen. Cavestany eta Alberdi Zuzendari Berriak sailean emango dute Isabel Lamberti (Buhl, Alemania, 1987) zuzendariaren La última primavera, eta Zabaltegi-Tabakaleran proiektatuko dute Juan Cavestany madrildarraren Un efecto óptico. Azken sail horretan proiektatuko dituzten hiru film laburren berri ere eman dute Zinemaldiko antolatzaileek. Carla Simon kataluniarraren eta Dominga Sotomayor galiziarraren arteko hartu-emana kontatzen duen Correspondencia izango da haietako bat, eta Marina Palacioren Ya no duermo eta Laida Lertxundiren Autoficción dira beste biak. Perlak sailean, Maite Alberdiren (Santiago, 1983) El agente topo izango da ikusgai, zahar etxe batean espioi infiltratzen den 83 urteko alargun bati buruzkoa, eta, azkenik, Warner Espainiak eta Donostia Zinemaldiak El verano que vivimos filmaren ongintzazko emanaldia eskainiko dute. Carlos Sedes galiziarrak (A Coruña, 1973) zuzendu du pelikula eta Blanca Suarez, Javier Rey eta Pablo Molinero protagonista dituen drama erromantikoa da.
2020-7-30
https://www.berria.eus/albisteak/185023/verterrek-ustekabeko-luizia-gertatu-eta-biharamunean-baloratu-behar-zuen-zabortegiko-pitzadurei-buruzko-txostena.htm
Gizartea
Verterrek «ustekabeko» luizia gertatu eta biharamunean baloratu behar zuen zabortegiko pitzadurei buruzko txostena
Zabortegia kudeatzen duen enpresaren arabera, teknikariek egoera «ezohiko bat» atzeman zuten azpiegituran, baina iruditzen zitzaien ez zegoela «berehala amiltzeko zantzurik».
Verterrek «ustekabeko» luizia gertatu eta biharamunean baloratu behar zuen zabortegiko pitzadurei buruzko txostena. Zabortegia kudeatzen duen enpresaren arabera, teknikariek egoera «ezohiko bat» atzeman zuten azpiegituran, baina iruditzen zitzaien ez zegoela «berehala amiltzeko zantzurik».
Joan den otsailaren 3an pitzadurak atzeman zituzten Zaldibarko (Bizkaia) zabortegian. Hortaz, Verter Reycling 2002 SM enpresak, azpiegitura kudeatzen duenak, txosten bat enkargatu zien, bai topografia etxe bati, bai Geyser-i, zabortegiaren ikuskatze teknikoa egiten duen ingeniaritza enpresari. Verterrek berri agentzia bati helarazitako komunikatuaren arabera, hurrengo egunean egin zuten ikuskaritza, eta otsailaren 6an «emaitzen lehen analisi bat egin ondoren», erabaki zuten hurrengo egunerako, 7rako, bilera batera deitzea ingeniariekin batean. Hain zuzen, otsailaren 6an gertatu zen luizia, eta azpian harrapatu zituen Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran beharginak —orduz geroztik desagertuta daude—. Enpresarentzat, halere, «ustekabeko» lur jausia gertatu aurretik ingeniariek «ezohiko egoera bat» atzeman zuten arren, iruditu zitzaien ez zegoela «berehalako amiltze bat gertatzeko zantzurik». Verterrek komunikatu hau plazaratu du, hain zuzen, El Correo egunkariak informazio bat kaleratu ondoren. Horren arabera, zabortegiaren egonkortasuna arriskuan egon zitekeela antzeman zuen ingeniaritza talde batek, 2018an. Verterrek 2017an eraikitako azpiegitura berri batzuen harira, talde horrek bi azterketa egin zituen 2018ko apirilean eta ekainean, eta bietan agertu zen segurtasun baldintzak ez zirela betetzen. Verterrentzat aholkularitza lanak egiten zituen ingeniaritza taldeak egin zituen azterketa horiek: Geyserrek, hain zuzen. Ertzaintzak bere atestatuan jaso ditu txosten horiek, eta joan den asteko atxiloketekin zerikusia izan dezakete. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuorde Elena Morenok lehengo astelehenean adierazi zuenez, ez zuen 2018ko bi azterketa horien berri: «Enpresak eman behar zion informazio hori administrazioari, eta ez zuen jakinarazi». Zabortegia kudeatzen duen enpresako jabea (Jose Ignacio Barinaga Egia), kudeatzailea (Arrate Bilbao Barinaga), eta azpiegituraren ingeniaria (Juan Etxebarria) joan den astean atxilotu zituen Ertzaintzak, eta, epailearen aurrean deklaratzeari uko egin ondoren, Durangoko Instrukzioko 1. salako magistratu Sofia Maria Sanchez Ortegak zuhurtziagabekeria larriz eragindako giza hilketako delitua inputatu die. Behin-behinean aske utzi dituen arren, kautela neurriak ezarri dizkie: hilean behin sinatzera joan beharko dute epaitegira, eta pasaporteak kendu dizkie. Verterren esanetan, «modu arduratsuan» jokatu zuen «halabeharrezko istripua» gertatu aurreko egunetan. Iruditzen zaio pitzadurak ez direla «ohiz kanpokoak» zabortegietan, eta ahalegindu zela, teknikarien txostenei eta gomendioei jarraikiz, «segurtasun irizpideak» kontuan hartuta erabakiak hartzen. «Teknikari bakar batek ere ez zuen ohartarazi amiltze arriskua zegoenik», nabarmendu du enpresak. Otsailaren 7rako aurreikusita zegoen bileran «diagnostiko argi batera» heldu nahi zuten, Ingurumen baimen integratuak (IBI) «exijitu» bezala, Jaurlaritzari egoera «ohiz kanpokoaren berri emateko» «Puntualtasunez» Azpiegitura martxan jarri zutenetik hiru hilabetez behin, eta «puntualtasunez», Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailari ikerketa topografikoen berri eman diola azpimarratu du Verterrek: «Hori Ingurumen Saileko ordezkariek beraiek egiaztatu dute». Moreno Ingurumen sailburuordeak, aldiz, ia kontrako adierazi zuen astelehenean.
2020-7-30
https://www.berria.eus/albisteak/185024/145-kasu-atzeman-dituzte-bizkaian-azken-orduetan.htm
Gizartea
145 kasu atzeman dituzte Bizkaian azken orduetan
Hego Euskal Herrian 265 kasu izan dira guztira.
145 kasu atzeman dituzte Bizkaian azken orduetan. Hego Euskal Herrian 265 kasu izan dira guztira.
Azken orduetan 265 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian: alarma egoera kendu zenetik detektatu den kopururik handiena. Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, ordea, ez du uste egoera larria denik: "Azken egunetako intzidentzia egonkortzen ari dela dirudi, baina gaurkoaren moduko zerra hortzak daude". Kasuen erdiak baino gehiago Bizkaian izan dira:145. Gipuzkoan 33 kasu atzeman dituzte; Araban, 23; eta Nafarroan, 61. Jaurlaritzak azaldu du erkidegotik kanpo hiru kasu daudela. Murgak azaldu du igoera "esponentziala" dela, eta erabat lotuta dagoela azken egunetan egin den kontaktuen jarraipenarekin. Bost pertsona ospitalera eraman dituzte azken orduan gaitza dela eta, eta lau ZIUetan daude. Bizkaian atzeman diren kasuetatik 88 hiriburuan detektatu dituzte. Halaber, Murgak azaldu du azken egunetako oldarraldirik bortitzenak kontrolpean daudela oraintxe: Eibar (Gipuzkoa) eta Ermukoak (Bizkaia). Ermuan, intzidentzia erdira jaitsi da, eta Eibarren ere egonkortu egin da, Osasun Sailaren arabera. Zainketa epidemiologikoko unitateak egin dituen kontroletan, 498 positibo atzeman dituzte bi herri horietako aisialdiarekin lotuta. Halere, Mugak esan du kasu horietako batzuk inguruko herrietan atzeman dituztela: Deban eta Bergaran, besteak beste. Selektibitate osteko ospakizunetan atzemandako agerraldia ere kontrolpean dago. Horrekin zerikusia duten kasuak 158 dira dagoeneko, baina beherakada atzeman da azken egunetan, Jaurlaritzaren esanetan. Nafarroan, oraindik ere agertzen ari dira uztailaren 11n Iruñeko Alde Zaharrean sorburua duen baina batik bat Mendillorri auzoan eragin duen agerraldiarekin: azken orduetan bederatzi atzeman dituzte, eta dagoeneko 193 dira. Nafarroan detektatutako kasuen erdiak 15 eta 30 urte arteko gazteak dira. Bestalde, atzo positibo bat atzeman zuten Barakaldoko (Bizkaia) zahar etxe batean, eta PCR probak egin zizkieten zahar etxeko erabiltzaile guztiei. Egunean zehar emaitzen berri izatea espero du Osasun Sailak. Hain zuzen ere, zahar etxeen gaiaz aritzeko bildu ziren atzo Osasun Saila eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiak, eta duela bi aste iragarritako murrizketa batzuk indarrean mantentzea adostu zuten. Egoiliarrak ezingo dira oraindik kalera atera: soilik zahar etxeak kanpoaldean dituen eremu irekietara eta lorategietara irten ahal izango dira. Bisiten kasuan, berriz, bi pertsonaren bisita jaso ahal izango dute egoiliarrek, baina aldi berean joan beharko dute biek.
2020-8-2
https://www.berria.eus/albisteak/185025/leku-itxiak.htm
Kultura
Leku itxiak
Emma Pedreira (Coruña, Galizia, 1978) idazlea eta filologoa da. Hamarretik gora poesia liburu emanak ditu. Azkenak, O libro das mentiras (2012), s/t (2015) eta Antídoto (2018). Espainiako Kritika saria jaso zuen duela bi urte, galegozko narratiba sailean, Bibliópatas e fobólogos-ekin. Xerais saria ere jaso zuen 2018an, Besta do seu sangue nobelarekin —iazko San Clemente-Rosalia-Abanca saria ere eman zioten lan horregatik—. Jules Verne sariduna izan zen iaz, Os corpos invisibles liburuagatik.
Leku itxiak. Emma Pedreira (Coruña, Galizia, 1978) idazlea eta filologoa da. Hamarretik gora poesia liburu emanak ditu. Azkenak, O libro das mentiras (2012), s/t (2015) eta Antídoto (2018). Espainiako Kritika saria jaso zuen duela bi urte, galegozko narratiba sailean, Bibliópatas e fobólogos-ekin. Xerais saria ere jaso zuen 2018an, Besta do seu sangue nobelarekin —iazko San Clemente-Rosalia-Abanca saria ere eman zioten lan horregatik—. Jules Verne sariduna izan zen iaz, Os corpos invisibles liburuagatik.
Mando baten gainean etorri zen, eta marmarrean eta puzka hartu zuten auzokoek segituan: hara, zera pentsatuko du Pazos de Ulloan dagoela! Eta ohartu gabe brusak zimurtzen zitzaizkien biei batera bularren gainean, eta hara eta bo eta kaka eta begira, mando arrearen lasterraldi traketsak eman zien atentzioa, eta mando gainekoaren arreo txikiak. Nahiko zuten ateetan barrena ikusi kristalezkoak balira bezala, kabinzotz, asko zen ba kanpoko bat etortzea jauretxearen jabetza beretzat aldarrikatzera bere lau abizenetako lau puntu kardinalez baliaturik —habeen adinako bi marraz lotuak abizenak—. Eta izan zen esan zuenik abizenak eros daitezkeela sagar zakuak bezala eta marrena handiusteen kontua zela, López edo Díaz aski ez dutenena. Hantustekeriak. Eta halaxe jarraitu zuten heldu berria lumatzen, ordurako jauretxetik kanpo mandodunaren itzalik edo zamariaren usainik ere ez zegoela, eta, festako azken petardoaren kea ahazten den bezala, auzokoek, buelta hartu eta, beste norbait larrutzeari ekin zioten. Tabernan izan zen lau abizenekoa pattarretan zopatu zuenik. Erdiko deitura ingelesa da. Eta zein da lauren artean erdikoa, txoroa? Bada, erdikoetako bat deitura ingelesa da, eta horrek handiago egin zuen mandotik jaitsi gabe patioko atetik jauretxera sartu zen hura. Errementariak badaki, animalia hilabeterako errentan eman baitzion atzerriko zilarra ordainetan. Eta deiturena nolatan? Okerreko kabala ez bueltatzeko sinatutako agirian paratu zuen izena. Dominoko fitxek txin-txin egin zuten mahaiaren gainean, hezurdura bat bere hilarriaren gainean ziplo eroriko balitz bezala. Badakizu zer? Ez dago kanpotarrekin fidatzerik, berdin zer egin zuen haien aititak edo nor izan zen hura. Bestelako justizia bat behar litzateke, herriarentzat onuragarri litzatekeen usadio bat zabaldu: etxe bat hainbeste urtez hutsik geratzen bada, inork hura erreklamatu gabe, etxea hura nahi eta manten dezakeenaren eskura pasatuko litzateke. Txakur galdu batez bezala hitz egiten al duzu etxe batez? Zer dira etxeak, ordea, animalia galduak ez badira? Ez al dira hiltzen zaintzen ez badituzu, ez al dute behea jotzen? Errementariak ez zuen gau hartan joan nahi izan tabernara, halaxe hitzemana zuelako, eta eskua eman aurretik esku-ahurrera tu egiten duena bezain etxe onekoa da mailua eta kurrikak darabiltzan Vulkanoren oinordekoa. Errementaria ahozko poeta bat zen. Nahikoa eskurik eduki ez, ordea, metala jotzeko eta idazteko, eta gaua irakurtzen ematen zuen eta eguna burdina astintzen bertsoak errezitatu ahala, kezko eraztunak bezala ahotik ateratzen zitzaizkion bertsoak; errementariak pipatu ere ezin zuen egin, edo hazka egin hazkura zuenean. Ahots sakon hartan katigaturik geratu zen, eseak haur batek bezala esanez eta erreak habaila batek bezala, eta etorri berriari agindu zion ez zuela deus esango etxean egokitzeko beharko zituen egunetan bederen, herrira hornigaiak erostera atera arte. Albistez eta solasez ferratua eramaten zion mandoa errementari poetari, arima bahiturik eramango balio bezala. Notarioak papertzarrak bildu eta xingola gorrimin batekin lotu zituen, afera garrantzitsu azkenduak markatzen zituen eran. Azken puntua jarria zion, hondarrean, herentzia haren onespen-eskriturari, hainbeste belaunalditan geldieran egon ondoren, oinordekoek ez ikusiarena egina baitzioten Portavíako harrizko eta egurrezko jauretxeari. Gero, puru labur bat piztu zuen, txokolate-ontza bat bezain beltza, eta bi tiraldi jo zizkion, birikak txistuka jarriz. Lila argiago batean erdi egina zuen bere testamentua ordurako. Bi auzokoak magnolia baten pare zabaldu ziren, Balbinaren kontuak aditzeko. Gau hartan, lehen aldiz urte askoan, ez zuen lo egingo Portavían bere etxeko ohean baizik. Ez dut begirik bilduko. Ez dut inoiz lo egin gauez ohe horretan, eztei-gauean bakarrik, eta gau hartan ez nuen lorik egin, badakizue. Etxeko ohean egin ditut alaba guztiak, baina egun-argiz, zeren, Jainkoak ondotxo dakienez, bizi guztia eman dut jauretxea gauez zaintzen, eta badakizkit sagu guztien izenak ere, eta nire gelan oraindik bero daude beheko suko errautsak eta artilezko lastairak oraindik nire forma du bularturik. Auzokoek baietz egin zuten buruarekin, eta bietako batek lastairako hobiaren irudia osatu zuen buruan, eta besteak pentsatu zuen zenbat diru irabaziko zuen Balbinak ia hotel batean bezala lo eginda azken berrogei urteetan. Ez auzokoek, ez errementariak, ez notarioak, ez tabernako zirtzilek ez zekiten, ordea, Balbinak mukizapia ateratzen zuelarik mahukapetik tristuraren tristuraz ez zela lana galdua zuelako, Lauabizenek hitza emana baitzion eguneko txandara pasatuko zela garbitasuna egiteko eta jatekoa prestatzeko, ezpada lan-ordutegia aldatua ziotelako berrogei urtez Portavían bere gisara gautxori ibili eta gero. Etxejabe berriaren kontu hartan okerrena zen Catarina andreari agur esan beharra, ixiiiii, ixoooo, txistttt, inork ezin du haren berri jakin, Balbina, edo erotzat hartuko zaituzte, baina negar, negar egin behar duzu galerengatik, eta berriro begiratu zion frontisko armarriari: zubia, sei biribilak hondo urdin baten gainean, Figueroatarren hiru piku-orriak eta mamuaren busto harrizkoa, astean hiru gauetan agertzen zitzaion haren berdin-berdina. Eta Lauabizenek ukondo eta orpoekin jo zuen lastaira gogortua, bestelako forma bat emateko. Ez zen erraz baketu, etxe guztian kiratsa baitzegoen, lixiba, aza egosiak, ez zekien zer zela-eta baina larritu egiten zizkion gogo-bihotzak sunda hark. Kriseilua itzali zuen, eta, beheko suko txingarrak baizik ez zeudela, ikusi zuen, ikusi, zeharrargi, argi kontran, ketan edo gazatan bildutako gorputz hura, ezin zehazki jakin ez baitzion inori ukitzen uzten, berak bakarrik ukitzen zuen ohera igoz bere gorputzaren gainean, lehenbizi orkatiletan bermatuz, gero belaunetan eta aldakan, bere urrats astitsu izotzezkoarekin dena iratzarriz, musu hotz latz batekin esnatu arte, zeina, ateko heldulekuaren zaporea eduki arren, zentzumen guztiez jabetzen baitzen. Topatu egin zaitut azkenean. Lauabizenbimarrak utzi zion botoiak, xingolak eta anonimatua erauzten, eta Catarina agurtu zuen antzina ohi zuten bezala, gazte, aske eta bizirik zeudela bezala. Zamaria aztoratu egin zen patioan, jakina denez espirituak usaindu baititzakete animaliek, eta trumoiak jo zuen, bi elkartzen direnean gertatu ohi den bezala. Itzultzailea: Iñigo Roque Eguzkitza
2020-7-30
https://www.berria.eus/albisteak/185026/josu-urrutikoetxea-laquoberanduraquo-askatu-dutela-ohartarazi-du-sortuk.htm
Politika
Josu Urrutikoetxea «berandu» askatu dutela ohartarazi du Sortuk
Gaur goizean gelditu da aske Urrutikoetxea, eta erreakzio sorta izan da ordutik. EH Baik eta EH Bilduk txalotu egin dute erabakia, baina salatu dute «mendeku gosea» agerian gelditu dela. Biktimen elkarteek gogor kritikatu dute Urrutikoetxea aske gelditzea. Grande-Marlaskak "estradizioaren zain" dagoela adierazi du.
Josu Urrutikoetxea «berandu» askatu dutela ohartarazi du Sortuk. Gaur goizean gelditu da aske Urrutikoetxea, eta erreakzio sorta izan da ordutik. EH Baik eta EH Bilduk txalotu egin dute erabakia, baina salatu dute «mendeku gosea» agerian gelditu dela. Biktimen elkarteek gogor kritikatu dute Urrutikoetxea aske gelditzea. Grande-Marlaskak "estradizioaren zain" dagoela adierazi du.
Josu Urrutikoetxea gaur atera da Parisko La Sante presondegitik. Erreakzio asko sortu dira, eta alderdi politiko, eragile sozial, nahiz politika arloko jende ugarik hitz egin dute gaiaz. EH Baik eta EH Bilduk agiri bateratua argitaratu dute. Gaurko albisteak poztu egin dituen arren, espetxean igaro duen denbora salatu nahi izan dute: «Josuren zaintzapeko askatzeak pozten bagaitu ere, ez du estaltzen Josuren atxiloketaren gibelean, frantses eta espainiar gobernuen aldetik zegoen mendeku politikoa». Agirian, Frantziako Gobernuaren «borondaterik eza» salatzeaz gain, euskal preso guztiak «askatzeko garaia» dela gehitu dute. Sortukoek adierazi dute «behar baino beranduago» hartutako erabakia izan dela, baina «norabide onean» egindako urrats baten gisan baloratu dute. Ernaik baldintzapeko askatasunean jarri du arreta, eta adierazi jada kartzelatik kanpo egon arren oraindik ere urrats gehiago egin behar direla: «Kartzelatik kanpo, aske ez». Biktimen elkarteei dagokienez, Covitek eta AVTk Frantziako Justiziari eskatu diote Urrutikoetxeari «ihes egiten» ez uzteko, eta «delitu larriak» dituela nabarmendu dute. AVT bereziki kritiko agertu da emaitzarekin: «Ez luke sekula espetxetik atera beharko». Politikari batzuk ere mintzatu dira Urrutikoetxea askatu izanaz. Esaterako, Jerome Gleizes Parisko hautetsi ekologistak pozarren hartu du albistea. Urrutikoetxea «injustuki espetxeratu» zutela adierazi du, eta bake prozesuko «eragile nagusietako bat» izan dela. Aldiz, Carlos Iturgaiz PPko lehendakarigaiak esan du Urrutikoetxeari gaixotasunak ez diola eragingo hark «biktimei eragin dien minaren erdia». Hedabide askok jorratu dute gertutik Urrutikoetxearen auzia, eta, hura askatu duten orduan, kazetari ugari bildu dira espetxeko ateetan. Fernando Grande-Marlaska Espainiako barne ministroak ere hitz egin du Urrutikoetxearen askapenaz. Adierazi du ebazpena "errespetatzen" duela, baina "estradizioaren zain" dagoela.
2020-7-30
https://www.berria.eus/albisteak/185027/pasaiako-portuko-presidenteak-dimisioa-eman-du.htm
Ekonomia
Pasaiako portuko presidenteak dimisioa eman du
«Autonomia falta» eta «presio mediatikoa» argudiatu ditu Felix Garziandiak. Azpimarratu du portuaren etorkizuna ziurtatuta dagoela.
Pasaiako portuko presidenteak dimisioa eman du. «Autonomia falta» eta «presio mediatikoa» argudiatu ditu Felix Garziandiak. Azpimarratu du portuaren etorkizuna ziurtatuta dagoela.
Felix Garziandia Pasaiako Portuko Agintaritzako presidenteak dimisioa eman du, «autonomia falta nabarmena» argudiatuta. Dimisio horri Cesar Salvador portuko zuzendariarena gehitu behar zaio; uztailaren 17an egindako batzarrean jakinarazi zuen. Garziandiak ostegun honetan eman du bere erabakiaren berri, gutun baten bidez. 2018ko urtarrilean izendatu zuten portuko agintaritzako buru, eta ordutik bere lana aurrera eramateko «zailtasun asko» izan dituela azpimarratu du; «bereziki, giza baliabideen arloan». Garziandiak adierazi duenez, langileen egitura «zaharkitu» batekin egin zuen topo, lan hitzarmenetik kanpo zegoena, eta azaldu du horrek lantaldean «doikuntzak» egitera behartu zuela zuzendaritza, «edozein enpresatan bezala». Jardun «mediatizatua» Garziandiak salatu du bere jarduna «mediatizatua» egon dela une oro, «politikoki, barrutik eta kanpotik». «Horrek ekarri dit, ikuspegi pertsonaletik, oso eraso desatseginak jasan behar izatea, hala nola existitzen ez den laneko jazarpen baten salaketa, zeinak balio izan duen nire lintxamendu mediatikoa bilatzeko eta nire kaleratzea eskatzeko». Garziandiaren esanetan, 2018ko urtarrilean agintera iritsi zenean, Pasaiako portua «ia erabateko paralisi» batean zegoen, «kanpo portua eraikitzeari uko egin eta gero eta lonja berria egiteko lanen porrota dela eta». Bi urte eta erdi geroago bere kudeaketak «ageriko emaitzak» eman dituela azpimarratu du. «Funtsezko bi alorretan urratsak egin ditugu: oinarrizko azpiegituretan inbertsioak egin ditugu (kaiak, biltegiak, lonja), eta lortu dugu etorkizuneko proiektu bat definitzea eta martxan jartzea, lehen aldiz urte askotan». Arazoak arazo, Pasaiako portuak etorkizun handia duela adierazi du, eta berari agindutako hainbat lan amaitu dituela. «Portua birkonfiguratzeko inbertsio plan bat daukagu, balioztatuta eta gauzatzeke. Horrek guztiak portuaren bideragarritasuna bermatu behar du». %16,9ko erorikoa Urte hasiera zaila izan du portuak. Espainiako Garraio Ministerioaren arabera –Pasaiako Portuko Agintaritzak ez ditu datuak publiko egiten–, urtarriletik ekainera, salgaien trafikoa %16,9 jaitsi da 2019ko aldi berarekin alderatuta. Bilboko portukoa baino askoz handiagoa ( %6,82) da hori. Erorikoa esanguratsua izan da autoen garraioan (-%31) eta burdina eta txatarrarenean (-%13)
2020-7-30
https://www.berria.eus/albisteak/185028/perseverance-ibilgailua-marterako-bidean-bizi-arrastoen-bila.htm
Bizigiro
'Perseverance' ibilgailua Marterako bidean, bizi arrastoen bila
Gaur hasi da NASAren Mars 2020 misioaren bidaia, Marten inoiz bizirik izan den aztertzeko. AVS euskal enpresak eta EHUk lagundu dute egitasmoan.
'Perseverance' ibilgailua Marterako bidean, bizi arrastoen bila. Gaur hasi da NASAren Mars 2020 misioaren bidaia, Marten inoiz bizirik izan den aztertzeko. AVS euskal enpresak eta EHUk lagundu dute egitasmoan.
Gaur hasi da NASAren Mars 2020 misioaren bidaia. Perseverance ibilgailua bidali dute Martera, han inoiz bizirik izan den aztertzeko. Ibilgailua 07:50ean jaurti dute, Cañaveral lurmuturretik (Florida, AEB). 500 milioi kilometrotik gora egin beharko ditu, Marten 2021eko otsailaren 18an lurreratu arte. 2026. urtean itzuliko da Lurrera. Misioaren helburua Marten biziaren arrastoak aurkitzea da. Horretarako, Perseverance-k 687 egun inguru pasatuko ditu planetaren gainazalean mikrobioen bizi hondarrak bilatzen. Gainera, oxigenoa sortzen saiatuko da, eta 2026. urtean itzuliko da, Marten bildutako laginekin, Lurrean sakon aztertu ahal izateko. Horrez gain, Ingenuity helikopteroa joango da ibilgailuari akoplatuta, eta hegaldi proba ezberdinak egingo ditu planeta gorrian. 'Ingenuity' helikopteroa, 'Perseverance' ibilgailuaren aurrean. EFE Ibilgailua Atlas V suzirian jaurti dute, 07:50ean, Cañaveral lurmuturretik. COVID-19a dela eta, NASAk prebentzio neurriak hartu ditu, eta beste aireratze batzuetan baino langile gutxiago egon dira. Herritarrek, gainera, ezin izan dituzte instalazioak bisitatu. NASAk Ilargian eta Marten bizileku iraunkorrak sortu nahi ditu etorkizunean, eta, Mars 2020 misioarekin, gizakiak planeta gorrian bizi daitezkeen aztertzeko lehen urratsa egingo du. Euskal laguntzaileak Marten Perseverance ibilgailuak 1.043 kilo pisatzen du, eta hiru metro luze eta bi metro baino gehiago zabal da. AVS euskal enpresak ibilgailua osatzen duten bi zati egin ditu, eta, horien bitartez, zehatz neurtuko da Marteko haizea. Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) eta NASA ere elkarlanean aritu dira SuperCam kamera berezia garatzen. Kameraren bitartez, Marteko harrien osaketa inoiz baino zehatzago aztertu ahalko dute. EHUko IbeA (Ikerkuntza eta Berrikuntza Analitikoa) taldea kamerako kalibrazioan aritu da lanean; izan ere, taldea aditua da Raman espektrografiaren datuak interpretatzen, eta 2026an planeta gorritik iritsiko diren laginak aztertuko dituzte.
2020-7-30
https://www.berria.eus/albisteak/185029/eukaliptoaren-landatzeak-ondorio-larriak-sor-ditzake-ingurumenean.htm
Gizartea
Eukaliptoaren landatzeak «ondorio larriak» sor ditzake ingurumenean
Eusko Legebiltzarrak 2018an hizpidera ekarri zuen ea eukaliptoa espezie inbaditzailetzat hartu behar den, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak, ikergai horri helduta, eskatu zuen ikerketa bat martxan jartzea.
Eukaliptoaren landatzeak «ondorio larriak» sor ditzake ingurumenean. Eusko Legebiltzarrak 2018an hizpidera ekarri zuen ea eukaliptoa espezie inbaditzailetzat hartu behar den, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak, ikergai horri helduta, eskatu zuen ikerketa bat martxan jartzea.
Euskal Herriko Unibertsitateko eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak elkarlanean aritu dira, eta, ikerketa txostenak adierazi duenez, ondorio nagusia da eukaliptoaren landatzeak ondorio larriak sor ditzakeela ingurumenean. Zuhaitz mota honen eraginak zeintzuk izan daitezkeen ikertzeko, ehundik gora lan zientifiko aztertu dituzte. Izan ere, eukaliptoa Australiakoa eta Asiako hego-ekialdekoa da jatorriz, baina Euskal Herrian zabalduta dago: Bizkaiko kostan du presentzia handien, baina Arabara eta Gipuzkoara ere iritsi da. Argitaratutako txostenaren arabera, zuhaitzaren errentagarritasuna dela eta, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan eukaliptoek hartutako eremua lau aldiz handitu da azken hiru hamarkadetan, eta, gaur egun, dagoeneko %2,6ko azalera hartzen du espezieak. Ikerketak dioenez, eukaliptoaren zura argiagoa da, eta ingurumen eragin negatiboa sistematizatzen du. Gainera, eukaliptoaren orbelaren eraginez, landaketen lurzoruek iragazgaitzagoak izateko joera dute, eta horrek ere beste landare espezie batzuen hazkundea geldiarazten du. Gainera, lurzoruaren, lurreko onddoen, likenen, landareen, eta anfibioen eta hegaztien dibertsitatea gutxitu egin da. Azterketaren arabera, eraginak ez dira horren begi-bistakoak ugaztunen artean, baina eragin negatiboa nabarmen ageri dira ibaietan aztertutako aldagai gehienetan, eukaliptoaren orbelak ekarritako mantenugaien pobrezia dela eta. Bestalde, basoetako suteei eta berotze globalari dagokienez, bietan faktore biofisikoek eta sozioekonomikoek eragiten duten arren, uste da eukalipto landaketek ez dutela arriskua murrizten, baizik eta beste baso espezie batzuen aldean arriskua areagotzen dutela. Ikerketak ez ditu aztertzen espezie honen baso ustiapenak dituen ondorio ekonomiko edo sozialak, baina ohartarazi du eukaliptoen hedapenak ondorio larriak eragin ditzakeela, eta arriskuan dauden espezieen euskal katalogoan sartutako espezie gehiago arriskuan jar ditzakeela. Lana baso kudeaketaren arloan eskumena duten erakunde publikoen eskura jarri dute, baita helburu komertzialetarako zuhaitz espezieak landatzeaz eta merkaturatzeaz arduratzen diren erakunde pribatuen eskura ere.
2020-7-30
https://www.berria.eus/albisteak/185030/kutxabankek-1376-milioi-irabazi-ditu-lehen-seihilekoan.htm
Ekonomia
Kutxabankek 137,6 milioi irabazi ditu lehen seihilekoan
Onartu du koronabirusaren krisiak arazoak sor ditzakeela maileguen ordainketan, eta 187,3 milioi baztertu ditu kalte posibleak estaltzeko.
Kutxabankek 137,6 milioi irabazi ditu lehen seihilekoan. Onartu du koronabirusaren krisiak arazoak sor ditzakeela maileguen ordainketan, eta 187,3 milioi baztertu ditu kalte posibleak estaltzeko.
Koronabirusak gorriz tindatu ditu enpresa gehienen kontuak, baina ez guztienak. Irabaziei eutsi dieten gutxienetako bat Kutxabank da. Urteko lehen seihilekoan 137,6 milioi euro irabazi ditu. Horrek ez du esan nahi krisiak ez dionik kalterik egin: iazko tarte horretan 60 milioi gehiago irabazi zituen. Mozkinak %30 txikitzearen arrazoietako bat da askoz diru gehiago bideratu duela horniduretara, 187,3 milioi euro hain zuzen ere (+72 milioi, +%62). Diru hori baztertu du krisia hedatu ahala mailegu usteletan izan dezakeen kaltea konpentsatzeko. «Negozioaren bilakaera erabat baldintzatu du COVID-19ak», azaldu du Kutxabankek, ohar batean. Ekonomiaren geldialdiak asko apaldu ditu maileguen emaria eta bankuaren diru sarrerak, baina okerrena aurrerago etorriko zaion susmoa du, enpresen galerak eta langabeziaren handitzeak arazoak sor ditzakeelako maileguen ordainketan. Horregatik baztertu behar izan du orain diru gehiago. Edonola ere, orain arte ez du bezeroekin arazo handirik izan, maileguen berankortasuna beste 0,11 puntu jaitsi baitu aurten, %2,83raino. «Berreskuratze zantzuak ekainean» Ekainean, itxialdia hasi eta egoerak nolabait normaltzera jo duenean, «berreskuratze zantzuak» ikusi ditu Kutxabankek jarduera komertzialean. Berez, handitu egin du maileguen eta beste finantza produktuen komertzializazioa: %9,91 handitu du hipoteken kontratazioa, %4,87 kontsumorako maileguena, eta %14,4 aseguruena. Elkargiren eta ICOren bermearekin enpresei inbertsiorako emandako maileguak %4,1 ugaritu dira iazkoaren aldean, eta funtsetan ere harpidetzak laukoiztu ditu. Hori bai, kontuan hartu behar da itxialdiak hainbat operazio atzeratu zituela, eta orduan egin gabekoak izan daitezkeela kontratazio horietako asko. Europako Banku Zentralak ohartarazi du euroguneko bankuek arazoak izan ditzaketela hurrengo hilabeteetan, krisiaren ondorioetako batzuk aurrerantzean azaleratuko dira eta. Kutxabankek, ordea, lasai egoteko esan die bere bezeroei. «Kutxabankek oinarriko egoera oso sendoa du, eta krisialdiak sortutako eraginei erantzuteko ongi kokatua dagoela erakutsi du. Haren kaudimen egoerari dagokionez, pandemiak gogorren jo dituen alor ekonomikoekiko menpekotasun murritza du». Gogorarazi duenez, EBA Europako Banku Agintaritzak seigarren urtez jarraian izendatu du «[Espainiako] Estatuko kaudimen egoera onena duen bankua», eta The Banker aldizkariak ere goretsi du. Zehazki, %17,2ko Core Tier 1eko ratioa du. BBVAn, galerak Galera handiak iragarri ditu, berriz, Euskal Herrian egoitza ofiziala duen beste banku batek, BBVAk. Ekainera arte 1.157 milioi euro galdu ditu, besteak beste, 2.084 milioi euro bideratu dituelako horniduretarako. Horiek gabe 928 milioi irabaziko zituzkeela nabarmendu du Onur Genç bankuko kontseilari ordezkariak. Kapitala sendotu du BBVAk.
2020-8-2
https://www.berria.eus/albisteak/185031/bazterreko-eztenak.htm
Kultura
Bazterreko eztenak
Paradoxikoki, bidea beren kasa egiteak bilakatzen ditu bidaide Begoña del Teso zinema kritikaria eta Asisko Urmeneta marrazkilaria. Biek maite dute bazterra, eta zorrotz daukate biek eztena. Aspaldikoa dute laguntasun harremana, eta pandemiari buruzko bideo sorta batek batu ditu azkenekoz.
Bazterreko eztenak. Paradoxikoki, bidea beren kasa egiteak bilakatzen ditu bidaide Begoña del Teso zinema kritikaria eta Asisko Urmeneta marrazkilaria. Biek maite dute bazterra, eta zorrotz daukate biek eztena. Aspaldikoa dute laguntasun harremana, eta pandemiari buruzko bideo sorta batek batu ditu azkenekoz.
Erudizio, pasadizo eta burutazio oihan trinko baten parekoa da Asisko Urmenetaren eta Begoña del Tesoren arteko solasaldi bat: behin sartuz gero, zail da ateratzea. Grabagailua martxan jartzerako, aspaldi hasia da marrazkilariaren eta zinema kritikariaren arteko solasa Miarritzen (Lapurdi), Plaza Berri ostatuko terraza eguzkitsuan, eta nahasian doaz haien ahotan libertinaje hitzaren euskarazko lohikeria ordainaren desegokitasunari buruzko kexak, bateko zein besteko aldizkari arrosen kalitatearen inguruko konparazioak, zein fikzioaren ahalmenari buruzko gogoeta txatalak. Elkarri tarteka jaurtitzen dizkioten dardoek salatzen dute haien arteko laguntasuna, eta grabagailua piztu eta gutxira baliatu du aukera Urmenetak —«Bai? Bai? Hau grabatzen ari da, ezta?»—, elkarrekin egindako azken lanaren «propaganda» egiteko: Bat Birus Lau tituluarekin sarerako sortutako bideo sortarena, hain zuzen ere. Del Tesok idatzitako testuak dituzte oinarri lanek, Juanjo Elorduiren eta Maria Añes Gorostiagaren laguntzarekin bihurtu ditu bideo Urmenetak, eta pandemiari buruzko «kronika kanaila bat» da emaitza, egileen hitzetan. Urmeneta: «Etorkizunean jendeak jakin dezan pandemia zer izan zen euskaldunentzat». Karikatura batekin hastearren: artalde handi batean, hona hemen bi ardi beltz. Hala sentitzen zarete? BEGOÑA DEL TESO: Ardia? Pentsatu nahi nuen banpiroa nintzela. Ardiarena, nahiz eta beltza izan, txiki xamar gelditzen zait. ASISKO URMENETA: Izan zen liburu bat oso famatu izan zena bere garaian, Johanes Uharte Garazikoak idatzitakoa, 1575ean, Examen de ingenios para las ciencias izenburukoa. Esaten dute Cervantes gero hartan inspiratu zela Kixote idazteko, eta liburua ari da honetaz eta hartaz, garai hartako barrokokeriaz, eta momentu batez erraten du gauza bat oso polita, eta da jenio batzuk, edo izaera batzuk izaten direla ardienak bezalakoak: beti bertzeei segika, eta sekula ausartzen ez direnak, eta, berriz, ahuntza beti ibiltzen dela bere kasa, leku arriskutsuetan eta kontzesiorik egin gabe, eta erraten du italieraz ahuntzari erraten zaiola capra, eta hortik heldu dela caprichoso hitza ere. Orduan, gu caprichosoak gara. Ahuntz beltzak. DEL TESO: Niri etortzen zait burura maite dudan motoetako bat: Montesa. Horrexegatik jarri ziotelako izena, mendiko ahuntzengatik. Beste karikatura bat. Batak lau marra eginda ateratzen du bizimodua, eta zinema kritikaria beti da zinemagile frustratu bat. DEL TESO: Niri, egia esateko, gauzak egitea ez zait batere gustatzen. Nik zeluloide puska bat kasik sekula ez dut izan esku artean, eta ez dakit nola muntatzen den pelikula bat; ni voyeur hutsa naiz. Nire definizio guztiak, ahuntzarenaz gain, izan zitezkeen voyeur, Peeping Tom, Tony Perkins eta horren bariazio guztiak. Niri ikustea gustatzen zait; egitea, ez. Sekula ez dut pelikula bat egingo, ezta pentsatu ere. Sekula ez dut liburu bat idatziko, ezta pentsatu ere. Eta zinema kontuetan ere, niri ikustea gustatzen zait. Gainera, badakit onartu behar dugula dena dela gezurra, baina horrexegatik da, hain zuzen: dena baldin bada gezurra, nahiago dut ikusle gisa amets egin eta ikusitako hori gertatu dela pentsatu, eta ez jakin, pelikulak nola egiten diren badakidalako, orain artaziak hartu dituztela, edo filma moztu dutela, edo egin dutela hau edo bestea. Bego voyeur, beraz; eta, zu, Asisko, exhibizionista? URMENETA: Bai, pixka bat. Eta hain zuzen, baliatu nahi dut aurrean dudan euskarri hau primizia bat emateko, zeren... [Del Tesok eta Urmenetak sortutako Bat Birus Lau bideo sortari buruzko hamabost minutuko tarte bat, eta segitzen du solasak]. Baina lehenago ere arituak zarete elkarrekin inoiz. URMENETA: Piter Ansorenak zuzentzen zuen ETBko emankizun batean: Psikofonia deitzen zen, Kike Amonarrizekin. Tertulian parte hartzen genuen guk biok, eta, gero, ekartzen zuten beste norbait, guk biok larrutzen genuena. Toke batzuk eman zizkiguten, baina gu deitu gintuzten. DEL TESO: Hori oso polita da. Badakizunean zertarako eta zergatik erabiltzen zaituzten, ezta? URMENETA: Eta horri esker ere bizi gara. Nik beti esan izan dut: Iruñekoa, euskalduna, eta erran erraten duena. Ziur Gipuzkoan badirela ni baino marrazkilari hobeak, baina exotismo puntu horri esker bizi izan gara. DEL TESO: Denok osatzen dugu gure pertsonaia. Alde batetik, izan daiteke marketina, baina badakit horrexegatik nagoela, are, hemen zuekin ere, baina, beste alde batetik, gustura nago sortu dudan pertsonaia horrekin. Ni, neure garaian, zuk aipatu duzun exotiko horietako bat nintzen. Euskalduna, emakumea, eta zinemaz zekiena; dena zalantzan. Gero konturatzen zara, askotan beldurrez, badagoela jende asko zuk baino gehiago dakiena zinemaz, eta emakume izateaz gainera LGTBI+ ere badena, eta abar. Baina une hartan behar zuten zinema kritikari bat, eta han nengoen ni. Begoña del Teso. BERRIA Eta ez al da pertsonaia hori iritzi kritikoak edo komentario satirikoak lasaiago jaurti ahal izateko maskara moduko bat? DEL TESO: Ez da defentsarako, ez. Bizitzak hala ekarri du pertsonaia hori, eta zuk onartu eta garatu egiten duzu. Nik euskal zinema eta antzerkigintza kritikatu ditut, batez ere, eta, gogoan dut Aizpea Goenaga, Elena Irureta eta beste batzuei gaizki jarri niela Woody Allenen Play It Again, Sam (Jo ezak berriro, Sam) lanarekin egin zuten egokitzapen bat, eta deitu zidaten esanez Mobiletteko frenoak moztuko zizkidatela. URMENETA: Behin bakarrik deitu dit pertsona publiko batek karikatura bategatik kexaka, errateko ez zitzaiola gustatu eta oso mingarria izan zela eta ez zela justua, eta nork, eta Aizpea Goenagak. Mehatxurik ez dizute egin? URMENETA: Ez. Zuzenik ez. Karikaturena niri interesatzen zait, ze normalean denok onartzen ditugu besteen karikaturak, baina norberak bere buruarena, nekez, ze bakoitzak baditu bere motxilak ongi kargatuak, konplexuz beterik. Mehatxuena suertatu zait behin, Donaixtin [Nafarroa Beherea], festetan. Baten batek erran marrazkilari nintzela, eta gizon bat erraten egiteko karikatura harako horri, eta gero honi, eta iji eta aja, beti ondoan gizon hori, baina halako batean bururatu zitzaidan hari berari egitea karikatura, eta [ukabila altxatzen du] ostiatu egin behar ninduen. Onartzen ahal ditugu besteendako kritikak, baina nork bereak... Horregatik, niri asko gustatzen zait maxima bat, komiki batekoa, pertsonaia batek erraten duena: «Ni ere txotxongilo bat naiz, baina hariak ikusten ditut». Oso polita da. Orduan, ni txotxongilo bat naiz, eta parte hartzen dudanean han edo hemen, ari naiz joko bat jokatzen. Egiazki nik pentsatzen dudana da, baina ez zait bururatuko bihotza ireki eta kontatzea nire penak. DEL TESO: Nik kontatu dudana da kritika baten erreakzioa. Eta hau da denborarekin egin dudan interpretazio bat, eta adinarekin lotuta dago, baina nik bizi izan ditut herri honetako gauza askoren jaiotzak: antzerkiarena eta zinemarena, adibidez. Beraiek pentsatzen zuten sortzen ari zirela euskal teatro nazionala, euskal zinema nazionala, eta nik, bestalde, pentsatzen nuen nire iritziekin dena aldatuko nuela. Klaro, gero konturatzen zara egon zaitezkeela Principe edo Antiguo Berri zinemaren atarian panfletoak banatzen Batmanen kontra edo Spidermanen kontra, eta jarraituko dutela existitzen eta pelikularik ikusienak izaten. Nik uste dut momentu honetan Euskal Herriko zinema kritikariok dugun ahalmen bakarra dela pelikula txikiak salbatzea, edo arreta haietara erakartzea. Baina orduan haiek pentsatzen zuten ari zirela sortzen nazio berria eta harentzako kultura berria, eta talka izan zen kristorena. Orain ulertzen ditut hobeki gertatu ziren gauza horiek. URMENETA: Europako barrutia ez da Maastricht, baina Matrix: ameskeria batean bizi gara, ustez hau dugula eta bestea dugula, baina nazionalik den ezer ez daukagu, ez industria, ez kultura: euskal den guztia autonomikoa da. Anthony Hopkins etorri zelarik Donostiara, telebistarako elkarrizketa bakarra eskaini zuen, eta, haren kontratuaren arabera, telebista hark nazionala behar zuen izan. RTVEk ukan zuen pribilegioa, eta EITB, txokora. Telebista, polizia, bandera... hizkuntza bera ere, autonomikoa daukagu, edo presidenteak, presidente autonomikoak, dioen bezala, subrogatua. Eta izan ere, negozio juridiko hori aplikatzen da heriotza kasuetan. Asisko Urmeneta, 'AztiHitza' liburuaren aurkezpenean. MARISOL RAMIREZ/ FOKU Eta baduzu euskal komikigintza nazionala sortzeko esperantzarik? Edo, agian, zurea ere erreskate lan bat da, kasu honetan, agian, historikoagoa, adibidez, AztiHitza lanean egiten duzun bezala, Agosti Xahoren figura aldarrikatzeko? URMENETA: Bruselan izan ginen orain ez dela asko, komiki azoka batean. Han, Marvelek bazituen 6.000 pabiloi-edo, eta Europako komikigintzak bazuen bazterreko pabiloi txiki ñimiño bat, eta, halere, hor ginen, eta hor ziren, erran dezagun, herri normalak: Portugal, Estonia eta abar eta abar. Eta Euskal Herriak bazuen mahai bat oso itxurosoa, besteekin konparatuz. Eta, alde batetik, sentitzen duzu harrotasuna, ze hemen bada sorkuntza eta bada gogoa egiteko, baina, gero, errealitatea zein da? Bada, hemen industriarik ez dagoela. Orduan, beti ari gara misiolariarena egiten, guk egin behar ez genukeenean. Adibidez, gau hartan, gero harrera bat bazegoen Estoniako enbaxadan, eta nik enbaxadoreari erran nion bazutela enbaxada bat behintzat, ze gure txokoan zegoen jarrita Euskal Herria, eta parentesi artean Spain. Horretatik haste, jada bada anomalia bat. Gero, sari batzuk-eta ematen dituzte, oso ongi etortzen zaizkigunak egileoi, baina sarika ez da deus egiten. Hau serioa baldin bada, sinetsi horretan. Ni marrazkilari, Bego gidoilari, eta ez egin behar izatea norberak dena, zerotik: marraztu, banatu, erosi, irri egin... dena egiten du norberak, eta, gero, emaitza artistikoki ona da, baina jendea leher egina dago, eta utzia, eta baztertua. DEL TESO: Bada beste kontu bat egile askorengan ikusten ez dudana: neurriaren inteligentzia. Denek nahi dute beren pelikula ikus dadila Belodromoan 3.000 ikusleren aurrean; ba, ez. Konformatu behar duzu Truebako areto txikiarekin, eta egun bakar batekin, eta izan dadila zeremonia moduko bat, ze astebetez programatzen badizute, ez da joango inor ere. Baina jendeari esaten badiozu aukera bat dela aktoreekin, egilearekin eta abarrekin hitz egiteko, agertuko da jende taldetxo bat. Hariak ikustearekin izan dezake zerikusia horrek ere? URMENETA: Angulemako komiki azokara joan nintzen lehenbiziko aldia dut gogoan nik. Jendea bazkaltzera ere azokako txartelarekin joaten zen, eta ikusten zenuen bat zela kolorista, eta bestea zela gidoigilea, eszenarista... Eta gu baginen Star Warseko almirante inperiala bezala, dena txarteltxoz beteta. Hori da eraman ezin dena. Egiten dugu dena, eta gero, «jende gutxi etorri da»: ezin dugu dena tiratu, ezin dugu humanitatea salbatu. Egiten dugu egiten dugulako eta aktibismoan ere bagabiltzalako, baina emaitza gero den bezalakoa da. Bego, zure kasuan, hainbeste urtez hainbeste kritika idatzi ostean, jarraitzen du bizirik ikusleak zure baitan? DEL TESO: Polita da sentitzen duzunean ikuslea berpizten dela. Derrepentean zaude pelikula bat ikusten, ari zara tituluaren bila, ze ni beti hasten naiz titulutik, ez duzu aurkitzen, eta bat-batean sumatzen duzu berdin zaizula, aterako dela, eta momentu horretan gozatzen duzu. Kritikak sekula ez dira objektiboak. Dena ateratzen da subjektibotasun edo subjektibokeria batetik, baina zuri horretarako ordaintzen dizutenez, jantzi behar duzu zure subjektibotasun hori: kritika bat ezin da mugatu gustatzen zait edo ez zait gustatzen esatera. Baina, bai, batzuetan plazerak gainditzen du beharra edo erantzukizuna. Kontrakoa ere pasatuko da. DEL TESO: Badago sentsazio bat txar-txarra: batzuetan, sentitzen duzu jendea dagoela zure zain, iritzia galdetzeko. Zu zaude oraindik gustura-gustura pelikulan sartuta, oraindik ez zara atera, oraindik ez duzu iritzi bat, eta, gainera, ez duzu inorekin hitz egiteko gogorik, eta galdezka datozkizu. Eta, gainera, aparte, galdetzen dizute ea zergatik hartu duen pelikulako neskak autoa eta ez motoa, errazagoa zuenean, edo anaia zena aita ere ba ote zen. Aizu, ba, ez naiz ohartu ere egin! Baina badaude beste ikuspuntu batzuk ere, eta, beharbada, ikusleetako batek esaten dio besteari ea ohartu den auzo horretan ez zegoela leiho bakar bat ere irekita, eta arreta pizten dizu. Niri gero eta gutxiago interesatzen zait argumentua; segun eta ze pelikula den, noski, baina hala da. URMENETA: Suertatu zait antzerki obra bat ikusi, eta hor egotea irratikoak galdezka: «Zer iruditu?». Halakoetan, egiazko euskaldunak egiten duena da lanaren sublimazioa. «A ze lana!». Ez zara bustitzen, eta, gainera, zuzendaria, igual laguna duzunez, eta medio publiko batean aterako zarenez... Niri ere pasatzen zait hori komikiak aurkeztean eskoletan. «Zenbat ordu sartu dituzu? Zenbat lagun aritu zarete?». Zenbat, zenbat, zenbat, behar da dena kuantifikatu eta egin lanaren sublimazioa. Hori da perfektua ez bustitzeko. Bada horri izkin egiterik? URMENETA: Nik aunitzetan defenditzen dut dena ez dela ulertu behar. Ez obra batean, ez eta bizitzan ere. Aunitzetan behar da, ahal balitz gehienetan, buruari lasaigarri bat eman edo droga lisergiko bat, eta utzi gozatzen, sufritzen, bizitzen, -tzen, -tzen eta -tzen, baina ez interpretatzen. Zuberotarrek erraten dute entelegatu; ba, dena ez da entelegatu behar. Osotasunean zerbait pasatu baldin badizu, eta izan daiteke nazka, beldurra, plazera, insomnioa edo irria, enetako lan hori salbatzen da, eta ez da hemendik pasatu behar [buruari keinu eginez]. Hori da txistea bezala, peli pornoak batzuek ikusten dituztela ea noiz ezkonduko diren. Ez ba! Gozatu zuku festa! Argumentua igual gutxienekoa da, baina maisulan bat da. Nik horren apologia egiten dut. Pandemia sasoian halako mantra moduko bat sortu da orain: «Kulturak salbatu gaitu». Diskurtso publikoetan hainbeste aipatzea, ez ote da haren balorazio sozial apalaren sintoma? DEL TESO: Adibidea oso argia da. Sare sozialetan zinema aretoetara itzuli beharra aipatzen du jendeak: «Ai iluntasunaren misterioa, ai bakardade berezi hori, ai, ai ai...». Bale, ireki dira berriz, eta inor ez da joan; jendeak terrazak nahi zituelako, hondartzak nahi zituelako, futbola nahi zuelako. Masturbazio kolektibo bat bezalakoa dira sareak batzuetan. Jende normala ez da joaten aretoetara Apocalypse Now ikustera, eta, are gutxiago, ikusita baldin badu, eta ondo iruditzen zait ikusita ez izatea ere, baina jende normala ez doa aretoetara zazpi edo zortzi euro ordaintzera hori ikusteko, baldin badauka etxeko ordenagailuko pantailan. Baina pantaila handian... DEL TESO: Pantaila handiarena mito bat da. Gure inguruetan ez dago pantaila handirik. Segun eta nolako ordenagailua duzun, eta segun eta zenbat hazbete dituen zure telebistak, ba, handia da, baina zinemaren jauregiak bukatu zirenetik pantaila handirik ez dago. Jendea ez da bueltatu aretoetara, beharbada milaka estimulu baditugulako. Eta, are, zinemazaleok ere asteko film arrakastatsuak ikusi nahi ditugu. Aste bukaeran sartuko gara Estoniako pelikula ikustera, baina lehenago eman Joker eta eman Batman. Hori ikusleen artean, eta, goian daudenen artean, ba, pentsa ezazue, berdin-berdin zaie, noski. URMENETA: Teknologia domestikoa da hemen kontuan hartu beharreko aldagai bat, eta, orain, pandemiarekin, etxeratzearekin eta konfitamenduarekin, horrek ekarri duena da Netflixera iritsita ez zirenak jada iritsi direla. Hori bat, eta bi: lehenagotik jadanik hitzaldiak eta aurkezpenak oso zaurituta zeuden, jende gutxi joaten zen, eta beti bazen adin tarte bat agertzen ez zena; agertzen zen ile gutxi, eta gutxi hori, xuri, gazteak beste nonbait ari zirelako; bada, orain, pasatutakoak pasatuta, nik uste dut gauza batzuek ez dutela bururik altxatuko secula seculorum, eta horietako bat izango da zinema. Kultura beste forma batez kontsumitzen da. Nik uste dut bala-bala asko badela, pose anitz ere bai, eta mundua ez da kanbiatuko, hondatzen segituko duelako, eta ez gara itzuliko saletara eta hitzaldietara. Pentsatu beharko ditugu beste ostia batzuk, eta aurrera egin beharko dugu gauza horiekin. DEL TESO: Ez dugu inolako memoriarik, ez gurea, ez arbasoena. Zinemako lehendabiziko ikusleek pentsatzen zuten Lumierren trena gainera etorriko zitzaiela, eta gaur egun... Gaur egun, benetako trena ikusi, eta holograma bat ote den egiten dugu zalantza. DEL TESO: Baina are gehiago. Beti esaten dute bizitza artea baino estrainioagoa dela. Ez, ez: alderantziz. Bizitzak artea imitatzen du. Gertatu zaigun guztia ikusita genuen, entzunda genuen, marraztua zen. Dena. New Yorkeko dorreena. Birusarena. Dena. Dena zegoen kontatuta. Gutenbergek inprenta asmatu zuenean, baten batek esango zuen, «Ai pergaminoak, ai kopistak! Antzara emearen lumaz idaztea bezalakorik ez dago, eta, orain, badator asmakizun hau eta lau tanpoirekin egiten dizu zabarkeria bat...». URMENETA: Ber gauza da, bai. DEL TESO: Bat Birus Lau bideoekin ere, adibidez, Asiskok esan zidan ahotsak nik grabatzeko. Baina, ez, eta azaldu nion zergatik. Ahotsa grabatzeko, hartu behar dut horrela [kazetariaren grabagailua hartu, eta buelta eman dio]. Eta, gero, egin behar dut horrel... [«Pi!», eten da grabagailua mugimenduaren eraginez, eta beste ordu erdiz jarraitu du solasaldiak gero, besteak beste, teknologia berrien argi-itzalei buruz, badaezpada piztutako sakelakoaren bigarren grabagailuarentzat].
2020-7-30
https://www.berria.eus/albisteak/185032/hendaiako-danborrada-parekideak-jasoko-du-hondarribia-berdintasun-hiria-saria.htm
Gizartea
Hendaiako danborrada parekideak jasoko du Hondarribia Berdintasun Hiria saria
Sari banaketa irailaren hasieran izango da. Epaimahaiak azpimarratu du Hendaiako danborrada parekideak «herritarren arteko berdintasuna» bermatzen duela.
Hendaiako danborrada parekideak jasoko du Hondarribia Berdintasun Hiria saria. Sari banaketa irailaren hasieran izango da. Epaimahaiak azpimarratu du Hendaiako danborrada parekideak «herritarren arteko berdintasuna» bermatzen duela.
Aurtengo Hondarribia Berdintasun Hiria saria Hendaiako danborrada parekideak jasoko duela jakinarazi du gaur Jaizkibel konpainia parekideak. Epaileek azpimarratu dute Hendaiakoa danborrada parekidea izan dela hasieratik, «herritarren arteko berdintasuna» bermatu duela, eta «edozein bazterkeriari debekuak» jarri dizkiola. Nabarmendu dute «hendaiar guztiak» batzen dituela, «udalaren eta alkatearen babesarekin, gainera». Saria banatzeko ekitaldia irailaren hasieran izango da. Epaimahaiak adierazi duenez, «Hendaiako danborrada salbuespena da Txingudin, eta arau behar luke izan, eta izango da». Gaineratu du Jaizkibel konpainia «Hondarribiko alkatearen erantzunaren zain» dagoela, uztailaren 13an eskatu zion bileraren zain, alegia. Jaizkibel konpainiak bere ekarpenak egin nahi dizkio aurtengo «ez-festen» antolaketari, eta agindu diote «datozen egunotan» izango dutela bilera horren berri. Skolae hezkidetza programak jaso zuen 2019ko Hondarribia Berdintasun Hiria saria. Joan den ekainean, programa bertan behera utzi zuen Nafarroako Auzitegi Nagusiak, forma akatsak zirela medio. Gobernuak, ordea, iragarri zuen helegitea jarriko zuela, eta horren ebazpena iritsi arte Skolaek martxan jarraituko zuela. Horrez gain, iragarri zuten forma kontuak zuzentzeko prozedura abiatuko zutela.
2020-7-30
https://www.berria.eus/albisteak/185033/begona-del-teso.htm
Begoña del Teso
Begoña del Teso.
Ez du bokazioaren mitoa maite. Zinema kritikari eta kazetari lanak egiten ditu hala BERRIA egunkarian nola euskarazko zein gaztelerazko beste hainbat hedabidetan, baina, dioenez, izan zitekeen bestela ere. «Idazten dut, ba, gure eskola publikoko zuzendari faxista haietako batek, egun batez, 'la niña escribe bien' esan zuelako». Zori kontua ere izan dela dio. Itzultzaile izateko ikasketak egin zituen, eta euskarazko alfabetatze eskolak jasotzetik euskara irakasle izatera pasatzeko jauzia ere egin zuen. Zinema eta kazetaritza azaldu zitzaizkion bidera, ordea, eta Euskal Herriko zinema kritikaririk ezagunenetako bat da egun. Zezenzale eta motozalea, eskrimalaria, egunero bainatzen da itsasoan, eta gizakia zenbat eta sakonago ezagutu, orduan eta banpirozaleago bilakatzen dela dio.
2020-7-30
https://www.berria.eus/albisteak/185034/asisko-urmeneta.htm
Asisko Urmeneta
Asisko Urmeneta.
Izaki, haren hitzetan, «preteknologikoa». Irudigile, gidoigile, kultur eragile, zinemagile eta ilustratzaile aritutakoa da, halere, eta Euskal Herriko marrazkilaririk emankorrenetako eta ezaguterrazenetako bat da. Korrok eta Napartheid fanzineetan hasi zuen ibilbidea, hamaika kolaborazio egin ditu prentsarako zein telebistarako, Kukuxumuxu markarentzako ere aritutakoa da, Gartxot filma sortu eta ekoitzi zuen Juanjo Elorduirekin batera 2011. urtean, eta komikiaren arloan murgilduta dabil azkenaldian. Historiari buruzko zaletasuna eta erabat propio duen irudimena uztartzen dituzte haren lanek maiz, eta horren adibide argia dira, iaz, Ilustrazioko Euskadi saria jaso zuen AztiHitza: Xahoren Biografikoa komikia, eta Xabiroi aldizkarirako Joseba Larratxek marraztu duen Basolatik berri onik ez izeneko komikiarentzako gidoia.
2020-7-30
https://www.berria.eus/albisteak/185035/astelehenetik-aurrera-maskara-nahitezkoa-izango-da-miarritzen.htm
Gizartea
Astelehenetik aurrera maskara nahitezkoa izango da Miarritzen
Maider Aroztegi Miarritzeko auzapezak atzo jakinarazi zuen neurria, eta astelehenetik aurrera egongo da indarrean. Hondartza nagusia, gainera, 22:00etatik 06:00ak arte itxiko dute.
Astelehenetik aurrera maskara nahitezkoa izango da Miarritzen. Maider Aroztegi Miarritzeko auzapezak atzo jakinarazi zuen neurria, eta astelehenetik aurrera egongo da indarrean. Hondartza nagusia, gainera, 22:00etatik 06:00ak arte itxiko dute.
Maider Aroztegi Miarritzeko (Lapurdi) auzapezak atzo jakinarazi zuen astelehenetik aurrera maskara derrigorrezkoa izango dela hirian, eta Lapurdiko beste hirietako alkateei neurri bera hartzeko eskatu die. Horrez gain, jakinarazi du hondartza nagusia 22:00etatik 06:00ak arte itxita egongo dela; izan ere, azken asteetan liskarrak gertatu dira Miarritzeko hondartzetan. Neurriak ez errespetatzea isunekin zigor daitekeela berretsi du alkateak: «Hasieran arreta handiagoa jarriko diogu prebentzioari, baina jendeak ez badu errespetatzen, bai, isunak egongo dira».
2020-7-30
https://www.berria.eus/albisteak/185036/gestampek-ere-kaleratzeak-iragarri-ditu.htm
Ekonomia
Gestampek ere kaleratzeak iragarri ditu
Autoen sektoreko multinazionalak hamaika lantoki ditu Euskal Herrian.
Gestampek ere kaleratzeak iragarri ditu. Autoen sektoreko multinazionalak hamaika lantoki ditu Euskal Herrian.
Tubacexek, Aernnovak eta ITPk osatutako zerrendari beste bat gehituko zaio agian aurki: Gestamp. Haiek bezala, lantaldean «doikuntzak» egingo dituela iragarri du Bizkaian sortutako autogintzako multinazionalak. Ez du zehaztu non izango diren kaleratzeak, soilik Europa mendebaldean eta Amerikan lanpostuak gutxituko dituela, ekoizpena beherantz doan merkatu batera egokitzeko. Urteko lehen erdian 120 milioi euro galdu ditu autoentzako osagaien egileak —iaz 100 milioi irabazi zituen tarte horretan—. «Urteko bigarren hiruhilekoa azken 75 urteotako garairik zailena izan da autogintzarako, ibilgailu arinen ekoizpena %45 txikitu baita». Horren ondorioz, salmentak %30 txiitu zaizkio. Gestampek uste du urte txarrak etorriko direla sektorerako, eta 2019ko ekoizpena ez dela 2024ra arte leheneratuko. Asko zabaldu da Gestamp azken urteetan: eta 112 lantegi ditu gaur egun mundu osoan barreiatuta, eta 43.000 langile. Euskal Herrian 11 lantoki ditu: zortzi ekoizpen planta, eta I+G zentro bat.
2020-7-30
https://www.berria.eus/albisteak/185039/salvini-epaitzeko-baimena-eman-dute-open-arms-blokeatzeagatik.htm
Mundua
Salvini epaitzeko baimena eman dute, 'Open Arms' blokeatzeagatik
Zortzi botoren aldea egon da Italiako Senatuko bozketan. «Pertsonen bahiketa» egozten diote Legako buruari, salbamenduontziaren lehorreratzea hogei egunez debekatzeagatik.
Salvini epaitzeko baimena eman dute, 'Open Arms' blokeatzeagatik. Zortzi botoren aldea egon da Italiako Senatuko bozketan. «Pertsonen bahiketa» egozten diote Legako buruari, salbamenduontziaren lehorreratzea hogei egunez debekatzeagatik.
«[Matteo] Salvinik ez zuen interes publikoaren alde egin», esan du gaur Matteo Renzi Italia Bizirik alderdiko buruak Italiako Senatuan. Senatuak erabaki behar zuen Lega eskuin muturreko alderdiaren buruaren aurkako beste epaiketa bat baimendu ala ez, gaurko kasuan Open Arms ontziaren lehorreratzea blokeatzeagatik. 149 senatarik bozkatu dute baimena ematearen alde, haien artean koalizio gobernua osatzen duten 5 Izar Mugimenduak, Alderdi Demokratikoak, Askeak eta Berdinak eta Italia Bizia alderdiak. Aldiz, 141ek bozkatu dute baimena ematearen kontra. Senatuko bozketako emaitzak ez du esan nahi Salvini zuzenean epaituko dutenik; goi ganberaren baimena izanda, orain Palermoko Auzitegiari dagokio epaiketa egin ala ez erabakitzea. Italia Bizirik-en botoak erabakigarriak izan dira, izan ere, pasa den maiatzean ezezkoa nagusitu zen Senatuko batzorde batek auziaz egin zuen bozketan, alderdi horren abstentzioari esker. 2019ko abuztuan Open Arms ontziaren lehorreratzea blokeatzeagatik epaituko lukete Italiako Barne ministro izandakoa. 150 migratzaile inguru egon ziren hogei egunez itsasoan, salbamendu barkuari Italiako Gobernuak lehorreratzeko baimena eman zion arte. Fiskaltzak ontzi batean «pertsonak bahitzea» egozten dio Salviniri, agintean zegoenean hartutako erabakia izan zelako. Legako buruzagiak bere burua defendatu du, Europako Batasunari Italiako kostara heltzen diren errefuxiatuen «karga» banatzera behartzeko «legezko» modua zelakoan. «Salvinik egindakoa krimena izan zen ala ez, edota gobernuko gainontzeko kideen laguntza jaso zuen, hori ez dugu guk erabaki behar, hori justiziaren esku dago. Aldiz, erabaki behar dugu ea interes orokorra kontuan hartu zuen», esan du Renzik. «Ontzi bat kostatik kanpo mantentzea, nire ustez, ez da publikoaren intereseko gauza», zehaztu du. Hark esandakoari erantzun dio Salvinik: «Epaiketara joan behar badut, burua tente joango naiz bertara». Joan den otsailean antzeko bozketa bat egin zuten Italiako Senatuan. 2019ko uztailean Gregoretti ontzian zeuden 130 bat migratzaile blokeatu zituen Salvinik astebetez, haien artean adingabekoak, eta horregatik egozten dio «botere abusua eta pertsonak bahitzea» Cataniako epaile batek. Lehenago ezin zuten Salviniren aurkako prozesu judizialik abiatu, immunitatea zuelako, baina otsaileko bozketan kendu egin zion Senatuak eskubide hori, eta, hortaz, Gregoretti kasuan epaitua izango da. «Oso lasai nago, eta egin nuenaz harro», esan zuen orduan Legako buruak. «Martiri» gisa aurkeztu zuen bere burua, defendatuz erabakia koalizio gobernu osoarena izan zela, eta ez berea bakarrik. Epaiketa horren lehen saioa atzeratu egin dute hiru aldiz koronabirusaren ondorioz; urriaren 3an izango da, aldaketarik ez badago. Gaurkoa, beraz, ez da Salviniren aurka baimendu duten epaiketa bakarra izan, eta, hala ere, Barne ministro ohia ez da arduratuta ageri; hura epaitzeko baimena emanda, Senatuak «opari handi bat» egiten diola esan du. Epaiketa horiek, baina, kalte egin diezaiokete, batez ere, bere ibilbide politikoan, La Repubblica Italiako egunkariaren arabera. Pertsonen bahiketagatik —adingabekoak barne hartzen baditu, Gregoretti kasuan lez—, 15 urte arteko espetxe zigorra ezarri ahal diote. Errudun jo eta bi urte baino gehiagoko zigorra ezartzen badiote, senatari kargua kenduko liokete, eta berriro hautagai izateko aukera galduko luke Salvinik. Italiako egunkariak diona kontuan hartuta, baliteke bere alderdiko buruzagitza zalantzan jartzea ere, 2023ko hauteskunde orokorrei begira. Urtebete karguan Salvini Italiako Barne ministro izan zen 2018ko ekainetik 2019ko irailera arte, eta immigrazioaren aurkako jarrera izan zen haren ikuspuntu ezagunetako bat.a Kargua hartuta egindako lehenengo mugimenduetako bat izan zen Libiako migratzaileak zeramatzaten salbamendu barkuei Italiako portuak ixtea. Ondorioz, Italiako agintarien eta gobernuz kanpoko erakundeen arteko talkak egon ziren; haietako batzuk justiziaren eskuetan geratu dira. Gutxienez hiru ikerketa zabaldu dira orain arte, Salviniren aurka, «bahiketa» egotzita: Open Arms, Gregoretti eta Ubaldo Diciotti izeneko barkuarena —177 migratzaile zeuden bertan—. Azken ikerketa hori Senatuak blokeatu zuen, 2019ko martxoan; orduan, Lega eta M5S koalizio gobernuaren babesa zuen Salvinik.
2020-7-31
https://www.berria.eus/albisteak/185040/historikoki-eajren-dohainik-behinena-unean-uneko-egoerara-egokitzen-jakitea-izan-da.htm
Politika
«Historikoki, EAJren dohainik behinena unean uneko egoerara egokitzen jakitea izan da»
EAJren EBBren lehendakariaren arabera, ezker abertzalearekin orain duten harremana «txarra» da; «agian belaunaldi berri batek etorri beharko du konpondu ahal izateko», esan du.
«Historikoki, EAJren dohainik behinena unean uneko egoerara egokitzen jakitea izan da». EAJren EBBren lehendakariaren arabera, ezker abertzalearekin orain duten harremana «txarra» da; «agian belaunaldi berri batek etorri beharko du konpondu ahal izateko», esan du.
Sabin Etxean hartu du BERRIA Andoni Ortuzar EAJren EBBko lehendakariak (Abanto, Bizkaia, 1962). Ez da ohiko elkarrizketa izan: EAJren 125. urteurrena kari, egunean eguneko jarduera politikoa alde batera utzi eta arnasa luzeagoko gaiak jorratu ditu burukide jeltzaleak. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako emaitzak ezagutu aurretik egin da elkarrizketa. Sabino Aranak 1895eko uztailaren 31n sortu zuen EAJ. Zure ustez, zein da gertaera historiko horren garrantzia? Berebizikoa. Nik uste dut Aranari ez zaiola aitortu bere meriturik behinena, euskal nazio kontzientzia itzartu izana. Foru erregimenaren galera bizi izan zuen, eta jakin zuen foru kontzientzia batetik nazio kontzientziara pasatzen. Nire ustez, hori da gakoa: euskaltasuna nazio baten partaide izatearen sentimendu bilakatu zuen. Meriturik ez zaiola aitortu diozu. Zergatik? Nik uste dut Sabinorekin ez dela justizia egin. Seguru asko, Euskadik bere nazio askapena lortu izan balu, Lincoln edo Churchill euren herrialdetan direna izango litzateke. Bera oso gazte hil zen, eta gainera, 40 urteko diktadura luzea iritsi zen, eta diktadurarentzat EAJ eta horrekin zerikusia zuen guztia oso deserosoa zen, haien diskurtsoa apurtzen zuelako: EAJ alderdi katolikoa zen, ordenazalea, enpresa askatasunaren aldekoa, eta hori ez zetorren bat diktadurak bere etsaiez eman nahi zuen irudiarekin. Horregatik EAJri, eta Aranari berezirik, ospea kentzen saiatu ziren. Eta zer irizten diezu Aranaren pentsamendua arrazistatzat salatzen dutenei? Aranaren garaikide gehienak hartzen baditugu, Karl Marx barne, edo orduko pentsalari espainiarrak, Giner de los Rios esaterako, gaur egungo begiekin ikusita gustatzen ez zaizkigun gauzak topatuko ditugu. Denak ziren arrazistak, klasistak, emakumeari dagokion tokia ez zioten ematen, zuriak gehiagokotzat zituzten eta gainerakoei gurasokeriaz begiratzen zieten eta abar. Sabinok ere itzalak ditu, dudarik gabe. Baina argiuneak askoz gehiago dira, eta uste dut ez dela bidezkoa Sabinoren ekarpena horretara mugatzea. EAJk bere burua ezagutzen du duela 125 urteko EAJ hartan? Gauza asko aldatu dira, historikoki EAJren dohainik behinena egoerara egokitzen jakitea izan delako. Hastapenetako alderdiaren eginkizun nagusia zen nazio ezaugarriak berreskuratzea eta herri bat eraikitzen hastea. Diktaduraren garaian alderdiak txarto pasatu zuen, baina 1977an berriro ekin genion herriaren instituzionalizazioari. Beraz, EAJ beti egokitu da herritarrek zituzten beharretara. Baina, hala ere, ez dut uste dagoenik 125 urtean bere hasierako balioei hain fidel iraun duen alderdirik. Inoiz ez dugu alderdia birsortzeko kongresurik egin beharrik izan. Frankismoaren ostean, 1977an egin genuen gure lehen nazio batzarra gerra aurreko garaietatik, eta orduko oinarrien gainean egin genuen. Bi printzipioak uztartu ditugu: egokitzeko gaitasuna, eta siglekiko leialtasuna. Gerra bat pasatu dugu, erbestea, sekulako eszisioa 1986an, eta, hala ere, alderdiak eutsi egin dio beti. Trantsizioaren garaian EAJk egindako hautuari zer irizten diozu? Nik uste dut zuzena izan zela. Gure arteko asko ez ziren fidatzen trantsizioaz, baina, beste aldean, haustura amildegia zen, horretarako baldintzarik ez zegoelako. Trantsizioa egiteko moduaz eta emaitzez eztabaida daiteke, baina ataka hartan erreformaren alde egitea zuzena izan zen. Ezker-eskuin ardatzean non kokatzen da EAJ? Nik uste dut bilakaera bat egon dela, hasierako zentro-eskuinetik zentro-ezkerrera. Lehenengo urte haietan erlijioaren eta katolizismoaren pisua oso garrantzitsua zen. Horrek bazituen bere mugak, erlijioa garai hartan oso hertsia zelako, baina abantailak ere bai, balioen aldetik batez ere: horri esker sortu zen humanismo kristaua, demokrazia kristaua, kooperatibismoa eta abar. Baina egia da 1930eko hamarkadan, alderdia zentro-eskuinekoa zela, eta batzuk eskuinekoak. Erbestearen garaian, [Jose Antonio] Agirreren eta [Xabier] Landabururen heriotzek alderdia umezurtz utzi zuten, eta politika sozialetan ez zen asko definitu. Baina 1977ko Batzar Nagusian ponentzia sozioekonomikoa onartu zen, oso progresista zena. Gero, EAJri egokitu zaio euskal instituzioak kudeatzea, eta nik uste dut Euskadi oso ondo kokatuta dagoela politika sozialetan Europako gainerako herriekin alderatuta. Seguru asko, gaurko EAJ da Europan marxismotik ez datorren sozialdemokraziarik behinena. Gaur egun ezkerra eta eskuina zen den definitzeko dauden zailtasun guztiak gorabehera, kontserbadurismo eta progresismoaren arteko dikotomian EAJ progresisten aldean dago dudarik gabe. RAUL BOGAJO / FOKU Historikoki, EAJren eta ELAren arteko harremana oso estua izan da. Azken urteetan, aldiz, desadostasuna erabatekoa izan da. Garai batean, kontraesanak sortzen ziren, ELA sindikatu bat delako eta gu gobernu alderdi bat, baina kontraesan horiek mahai baten inguruan konpontzeko modukoak ziren, lehentasunak zirelako herria instituzionalizatzea, euskal administrazioa berreraikitzea eta abar. Harremanak onak izan ziren 90etako hamarkadaren amaiera arte. Inflexioa 1997an gertatu zen, ELA bere arrakastaz jabetu zenean: ELA konturatu zen erakunde abertzale indartsuena dela 100.000 afiliatu ditu; EAJk, berriz, 30.000 inguru, eta politikoki ere eragiteko erabakia hartu zuen. Beste aldetik, Porto Alegreko Foroaren ostean [2001] sindikatuan badago aldaketa bat. Zertan gauzatu zen aldaketa hura? Sindikatuaren kongresuetan ere agerikoa izan zen: ordura arte CIOSL eta CMT federazioetako ordezkariak etortzen ziren kongresuetara, eta une batetik aurrera, Latinoamerikako sindikatuak, jatorri komunistakoak eta estaturik gabeko nazioetakoak etortzen hasi ziren. Sindikatuan badago norabide aldaketa bat, EAJ eta batez ere administrazioa patronala balitz bezala ikusarazten diona. Gauzak lortzera bideratutako sindikalismo batetik konfrontazio eredu batera pasatzen da. Eta hor harremana apurtzen da. EAJk ba al du estrategia bat historikoki euskal nazioa osatu duten lurralde guztientzat? Edo inertziak eraman du EAEn arreta guztia jartzera? Dudarik gabe, urte askoan EAJk, eta mundu abertzale osoak ere, EAEn zentratutako ikuspegia izan dute. Hori ukaezina da. Baina Zazpiak bat-en ikuspegia ez dugu inoiz galdu. Adibidez, ikurren aldetik, eta Nafarroako ikurrari errespetu osoz esanda, guretzat ikurrina da denon bandera. Edo, beste aldetik, [Ipar Euskal Herrian] Herri Elkargoa sortu izana poz handiz ikusten dugu, baina hori ez da gure proiektua, gurea euskal lurraldeen batasun harremana delako, zein bere erritmoarekin eta herritarren borondatearen arabera. Euskadi terminoarekin berdin: guretzat, Euskadi zazpi herrialdeak dira, eta terminoak badu Euskal Herria terminoak baino pisu politiko sakonagoa. Euskal Herria errealitate geografiko eta soziala da; Euskadi, berriz, nazio egitasmo politiko bat. Baina, praktikan, eguneroko erabilpenak ekarri du Euskadi EAE izendatzeko modu hutsa izatea. Badakit ez dela eztabaida erraza eta hau gazteei azaltzea zaila dela, baina duela 40 urte foruzale espainolistek Euskal Herria erabiltzen zuten, eta ez zuten inoiz Euskadi esaten, bazekitelako zer zegoen horren atzean: Aturritik Ebrora errealitate politiko bat eraikitzeko egitasmoa. Ipar Buru Batzarra 1990ean eratu zen, EAJ sortu eta 95 urtera. Ez da oso berandu? Bai, baina badu bere arrazoia. Historikoki, Iparraldeko gure jendeak, alderdia egituratzen zutenek zerikusi handiagoa zuten erbestearekin jatorriz hangoak zirenekin baino. Ikusten dugunean Europako Batasuna garatzen dela, mugak lausotzen direla eta Iparraldea Hegoaldean gertatzen ari denarekin parekagarria ez den bizitza propioa izaten hasten dela, egoki ikusi genuen han ere egitura sortzea. Baina alderdia beti egon da Iparraldean. Etorkizunari begira, euskal nazioaren eraikuntzan urrats gehiago egiteko aukera ikusten duzue? Egon behar du. Egia da gure estrategia, hein handi batean, Europaren bilakaerari lotuta egon dela, eta bilakaera hori ez dela izan guk uste genuena. Europak lagun dezake, baina gaur egun oraindik gure erronka nagusia da nola kudeatzen dugun Espainiako Estatuarekiko harremana: lotura apurtu gabe, aldebiko harremana eta erabakitzeko ahalmena bermatzea. Garai batean, eztabaida independentzia bai ala ez zen, baina hori asko konplikatu da: orain, eztabaida da nola ematen ditugun pausoak momentu historiko bakoitzean menpekoak ez izateko. Eta zeintzuk dira pauso horiek? Batez ere, hiru arlo dira: nazioaren aitortza, berme sistema bat ezartzea eskubide politiko horiek oztoporik gabe garatu ahal izateko, eta gure kokapena munduan. Hiru arlo horien gainean eraiki behar dugu bideko hurrengo geltokia, hurrengo Maltzaga, Telesforo Monzonen metafora erabilita. Baina Maltzagara norekin iritsi behar da? Monzon aipatu duzu, baina ez du ematen berak aldarrikatzen zuen abertzaleen batasunaren ideia hori unerik onenean dagoenik. Ez dugu ukatuko: abertzaletasunaren bi adarren arteko harremana txarra da, eta, gainera, mesfidantza bat sortu da, eta ez dakit bi adarretako zuzendaritzak gauza izango garen hori gainditzeko, edo belaunaldi berri batek etorri beharko duen hori posible izan dadin. Nik uste dut bide hori soilik egin daitekeela ezker abertzalearekin; ez ezker abertzalearekin bakarrik, baina nazio identitatean sinesten duen mundu horrekin egin behar da. Identitateak askotarikoak dira eta errealitate hori ezin da begien bistatik galdu, guztientzako proiektu bat eraiki behar delako, baina logikoena litzateke, abertzaleak gehiengo bagara, abertzaleok gauza izatea ados jartzeko. RAUL BOGAJO / FOKU Orain arte ez zarete gauza izan. Ez. Aukera bat izan dugu Autogobernu Batzordean eta ez dugu baliatu. Eztabaida dezakegu errua norena izan den, baina ez dut uste merezi duenik. Dena dela, guretzat mingarria izan da, erakutsi duelako alderdiaren interesak herri estrategien aurrean jartzen direla. Seguru asko Arnaldok [Otegi] berdin esango dizu errua niri leporatuz, baina kontua da ez garela gauza izan. Izugarrizko mesfidantza dugu ezker abertzalearekin, eta ezker abertzaleak berdin gurekin. Hor badago beste arazo bat, sakonagoa: ezker abertzalea ez da EAJren eszisioa. Bere bilakaeran, gureak ez diren kontzeptu, balio eta ideologiez elikatu da, eta bere proiektua garatzeko gurea akabatu behar du. Guk, jakina, ez dugu uzteko asmorik. Baldintza horietan zaila da bi proiektuak uztartzea edo bien arteko zubi bat eraikitzea. EAJk VIII. Batzar Nagusia egin behar zuen uztailaren 11 eta 12an, eta han alderdiaren zuzendaritza berriztatzea zen asmoa, baina COVID-19aren izurriteak galarazi egin du. Azkenean, noiz egingo duzue batzarra? Oso zaila da zerbait planifikatzea, ez dakigulako uda ostean osasun egoera zein izango den. Gainera, gurea berme asko jartzen dituen alderdia da, eta oso prozesu luzeak izaten ditugu: estatutuak aldatzeko, adibidez, bi hilabeteko eztabaida egin behar dugu. Hori guztia kontuan hartuta, nik uste dut Batzar Nagusia abenduan egin dezakegula; urtea amaitu aurretik, edozein modutara. Bihar: EAJren 125. urteurrenaren ekitaldia.
2020-7-30
https://www.berria.eus/albisteak/185041/sua-piztu-da-angeluko-basoan.htm
Gizartea
Sua piztu da Angeluko basoan
Xibertako pinudiak su hartu du arratsaldean, eta hogei hektarea baino gehiago erre dira. Suhiltzaileak lanean ari dira, eta inguruko etxeak hustu dituzte.
Sua piztu da Angeluko basoan. Xibertako pinudiak su hartu du arratsaldean, eta hogei hektarea baino gehiago erre dira. Suhiltzaileak lanean ari dira, eta inguruko etxeak hustu dituzte.
Ostegun arratsaldean, ke beltza zabaldu da Angelun (Lapurdi). Sute bat piztu da Xibertako basoan, Atturri ibaiaren bokaletik gertu. Suhiltzaileak lanean ari dira, eta Blancpignon auzoko herritarrak handik kanporatu dituzte. Sua etxeetatik oso gertu dago. Suhiltzaileek ura botatzen duen hegazkin bat eraman dute garrak itzaltzeko. BOB EDME Sutea Angeluko Xibertako Oihanean. BOB EDME
2020-7-30
https://www.berria.eus/albisteak/185042/hilaren-18an-bilboko-backampstage-diskotekan-egon-zirenei-pcr-proba-egiteko-eskatu-diete.htm
Gizartea
Hilaren 18an Bilboko Back&Stage diskotekan egon zirenei PCR proba egiteko eskatu diete
Ostiralean egingo dituzte probak, Basurtuko ospitalearen kanpo aldean jarritako karpa batean. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak eskatu dute (0034) 946-00 66 66 telefono zenbakira deitzeko ordua hartzeko.
Hilaren 18an Bilboko Back&Stage diskotekan egon zirenei PCR proba egiteko eskatu diete. Ostiralean egingo dituzte probak, Basurtuko ospitalearen kanpo aldean jarritako karpa batean. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak eskatu dute (0034) 946-00 66 66 telefono zenbakira deitzeko ordua hartzeko.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak mezu bat argitaratu du pertsona talde jakin batentzat: uztailaren 18an Bilboko Back&Stage diskotekan egon zirenei eskatu die PCR proba egiteko, koronabirusaz kutsatu diren ala ez jakiteko. Transmisio komunitarioa ahalik eta lasterren detektatzea da haien helburua. Eskatu diete (0034) 946-00 66 66 telefono zenbakira deitzeko ostiralean, 08:00etatik aurrera. Hortik bi ordura hasiko dira probak egiten, Basurtuko (Bizkaia) erietxearen kanpoaldean jarri duten karpan, taxi geltokiaren ondoan. Osasun Sailak eta Osakidetzak nabarmendu dute COVID-19 gaitzarenak izan daitekeen sintomaren bat izanez gero bakartzeko etxean eta deitzeko osasun zentrora.
2020-7-31
https://www.berria.eus/albisteak/185075/hamasei-ospitaleratu-angeluko-sutearen-eraginez.htm
Gizartea
Hamasei ospitaleratu Angeluko sutearen eraginez
Ehun hektarea inguru erre dira, eta dozenaka lagunek etxetik kanpo pasatu dute gaua.
Hamasei ospitaleratu Angeluko sutearen eraginez. Ehun hektarea inguru erre dira, eta dozenaka lagunek etxetik kanpo pasatu dute gaua.
Angeluko (Lapurdi) Xiberta auzoko oihanak su hartu zuen atzo arratsaldean, eta, beroaren, lehortearen eta haizearen ondorioz, garrak inguruko etxeetaraino zabalduak ziren atzo iluntzerako, baita ke hodei handiak ere. Suteak basoaren zati handi bat kiskali du, ehun hektarea inguru —beste 65 ere kaltetu ditu—, Pirinio Atlantikoetako prefeturaren esanetan. Gainera, 11 etxeri kalte egin die suteak; etxe horietatik bost ez-bizigai utzi ditu, eta hiru, arrunt kiskalita. Hamasei lagun ospitaleratu dituzte keak intoxikatuta, baina denak etxean sartu ahal izan dira. Herriko auzapez Claude Oliveren arabera, gaur goizerako kontrolatuta zegoen, baina egoera «zaila» da, etxeetatik hurbil gertatu baita. «Drama bat da», gehitu du. Sutea ikusi duen auzo batek –anonimotasuna atxiki nahi du— lekukotasuna eman du goiz honetan. «Etxera sartu gara 18:30 inguru, eta urrunetik ke beltza ikusi dugu. Aski ongi ezagutzen dut oihana. Jendea ikara gorrian zen. Batzuek beren familia xerkatzen zuten, pertsona zahar batzuk han bizi baitira». Sua itzaltzeko, bi hegazkin joan-etorrian ibili ziren, baina arratsean auzapezak jakinarazi zuen hegaldiak etengo zituztela, eta suhiltzaileek lurretik ekinen ziotela itzaltzeko lanari. 18:00etarako, ingurua hutsarazten hasiak ziren suhiltzaile eta poliziak, eta Xiberta-Blancpignon auzoko etxeak hustu zituzten ondoren. «Haizea azkartu egin da ukaldi batez, eta Barrako hondartzara buruz hedatu da sua, su bide bat sortuz», azaldu du auzoko biztanleak. Denera, 150 suhiltzaile inguru aritu dira lanean, baita hainbat polizia eta anbulantzietako langile ere. «Suhiltzaile anitz bazen, eta auzoko bizilagunek ere parte hartu dute suaren itzaltzeko lanetan. Sugarrak itzaltzen zituzten, sua ez zedin berriz abia. Auzo batek 4 edo 5 etxe salbatu ditu etxean zuen ureztatze sistemari esker». Lanak ez dira amaitu, kontrolatuta egon arren sua piztuta baitago oraindik. Hala, 20 pertsonako 4 talde ari dira oihaneko hainbat lekutan lanean. Sutearen eraginez, ehun bizilagun inguru eraikinetatik aterarazi zituzten. Askok herriko gimnasioan pasatu behar izan dute gaua; beste batzuek, Gurutze Gorriak jarritako eremuan. Oraingoz ez dute informaziorik eman sutearen jatorriaren inguruan. Bi fokutan piztu zen sua: lehena, Orok Bat errugbi zelaiaren ondoan, Pignada izeneko baso zatian, eta bigarrena, berriz, Aturri hiribidetik hurbilago. Atzo, Angelun, tenperaturak 41,9°C-raino iritsi ziren. «Mundua berotzen eta erretzen ari da. Gertatu dena ez da harrigarria; aurreikus zitekeen. Aski da ikustea zolaren egoera eta zer lehortea izan den. Berotze globalaren ondorio bat da. Ez da Amazonian, Australian eta Portugalen bakarrik gertatzen halakorik; orain hona ere iritsi zaigu», gehitu du lekukoak. Sutearen jatorriaren inguruko informaziorik ez dute eman oraingoz. Bi fokutan piztu zen sua: lehena, Orok Bat errugbi zelaiaren ondoan, Pignada izeneko baso zatian, eta bigarrena, berriz, Aturri hiribidetik hurbilago. Atzo, Angelun, tenperaturak 41,9°C-raino iritsi ziren.
2020-7-31
https://www.berria.eus/albisteak/185076/26ko-defizit-muga-adostu-dute-jaurlaritzak-eta-madrilek.htm
Ekonomia
%2,6ko defizit muga adostu dute Jaurlaritzak eta Madrilek
Aldundiek ere aukera izango dute aurten defizita izateko. Iraileko bilera batean finkatuko dute prozedura.
%2,6ko defizit muga adostu dute Jaurlaritzak eta Madrilek. Aldundiek ere aukera izango dute aurten defizita izateko. Iraileko bilera batean finkatuko dute prozedura.
Hamarren gutxi batzuek egin dute aldea. Ostegunean, Nafarroako Gobernuak Espainiakoarekin bezperan hitzartutako defizitaren muga, BPGaren %2,3koa, ez zitzaion «nahikoa» iruditu Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburuari. Haren gobernuak, berriz, %2,6ko muga lotu du Madrilekin, baina beste konpromiso bat ere erdietsi du: aldundiek, «lehen aldiz historian», defizita izateko eskubidea izango dute, zerga bilketaren erorikoak bere aurrekontuetan eragingo duen zuloa zorraren bitartez estali ahal izateko. Azpiazuk nabarmendu zuenez, Iruñeko gobernuaren eskumen propioetako batzuk —errepideak, gizarte laguntzak...—, aldundienak dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. EAE Euskal Autonomia Erkidegoaren barne produktu gordina 80.000 milioi euro direnez —Eustaten 2019ko datua—, Eusko Jaurlaritzak 1.800 milioi euroren zuloa egin ahal izango du aurten, eta zor merkatuetara edo bankuetara jo beharko du diru hori lortzeko. Azpiazuk uste du horrekin konpentsatu ahal izango duela zerga bilketaren jaitsieraren zatirik handiena. Lehen aurreikuspenean, ogasunek iaz baino 3.000 milioi gutxiago jasoko zituztela kalkulatu zuten, baina zulo txikiagoa espero dute orain, 2.000 milioi ingurukoa. Gainontzekoa iazko soberakinarekin estaliko du Gasteizko gobernuak, aurreko bi urteak superabitekin amaitzea lortu baitzuen. Madrilen baimenik ez zuenez, superabit horren zatirik handiena zorra txikitzeko baliatu zuen Gasteizek. 2019 amaieran, esaterako, ia 600 milioiren zorra aldez aurretik ordaindu zuen. Horri esker, zorra BPGaren %12,6ra jaitsi zuen Jaurlaritzak; aurten, %15,9ra igo ahal izango du. Defizitarekin eta soberakinarekin, gastu publikoari eustea espero du Azpiazuk. «Zerbitzu publikoei eutsi ahal izango diegu, ez ditugu murrizketak egin beharko, eta krisi ekonomikoari behar ditugun baliabideekin egingo diogu aurre». Erabakitakoa izenpetzeko, kontzertu ekonomikoaren batzorde mistoa elkartuko da iraileko lehen hamabostaldian. Hor erabakiko dute zehazki zer formula baliatu aldundien beharrak betetzeko. Gainera, Madrilek eta Gasteizek hitzartu dute egoera ekonomikoa asko okertuz gero defizit muga berriak finka ditzatela. Konpromiso hori bera lortu du Maria Txibite Nafarroako lehendakariak. Goi bilera, Urkullurekin Azken asteetan behin eta berriro eskatu duen defizit muga berria besapean zuela, Iñigo Urkulluk jarrera aldatu du, eta onartu egin du Donemiliaga Kukulara joatea, (Errioxa), autonomia erkidegoetako buruen goi bilerara. Han izan da Txibite ere, baina ez, ordea, Quim Torra Kataluniako Generalitateko presidentea. Pedro Sanchezek antolatu zuen bilera, Europako suspertze funtseko diruaren banaketari buruzko irizpide batzuk jakinarazteko presidente autonomikoei. Azken finean, bere eskutik pasatu beharko dutela EBren dirua nahi duten proiektuek, berak gidatuko duelako hainbat ministerioren artean osatuko duten jarraipen batzordea. Elkarlana eskaini die erkidegoei funts horiek kudeatzeko, baina baita enpresa pribatuei ere. Sanchezek gogorarazi die presidenteei urriaren 15era arteko epea duela Bruselari aurkezteko zer proiektu finantzatu nahi dituen. Printzipioz, 140.000 milioi dagozkio Espainiari, erdia maileguen bidez eta bestea laguntza zuzenaren bitartez. Ekonomia digitalizatzeko eta trantsizio energetikorako planek eramango dute diru gehien. «Epe estuak» izan arren, Urkulluk agindu du abuztuan lan egingo dutela proiektu batzuk aurkezteko. Txibitek, berriz, iragarri du dagoeneko badituztela proiektu batzuk.
2020-7-31
https://www.berria.eus/albisteak/185077/eibarrek-kontratua-berritu-die-mendilibarri-eta-garagarzari.htm
Kirola
Eibarrek kontratua berritu die Mendilibarri eta Garagarzari
Beste urtebeterako da akordioa. De Blasik, berriz, ez du taldean jarraituko.
Eibarrek kontratua berritu die Mendilibarri eta Garagarzari. Beste urtebeterako da akordioa. De Blasik, berriz, ez du taldean jarraituko.
Jose Luis Mendilibar entrenatzaileak beste urtebetez jarraituko du Eibarren. Talde armaginak komunikatu baten bidez eman du albistearen berri. Beraz, Zaldibarko entrenatzaileak bosgarren denboraldia egingo du jarraian. Orain arte, 207 aldiz zuzendu du Eibar lehen mailan: 68 partida irabazi, 54 berdindu eta 85 galdu dituzte bere aginduetara. Mendilibarrekin batera, bere talde guztiak ere jarraituko du. Gainera, Andoni Azkargorta bigarren entrenatzaileak hiru urteko kontratua sinatu du. Mendilibarri ez ezik, Fran Garagarza kirol zuzendariari ere berritu dio kontratua Eibarrek, hari ere beste urtebeterako. Baita ere harekin batera idazkaritza teknikoan lanean ari den Mikel Martijari. Hala, Garagarzak 10 urte beteko ditu karguan. Akordioak klausula bat jasotzen du, eta horren arabera bi aldeek 2021eko martxoaren 31 baino lehen adostu beharko dute hurrengo kontratu berritzea. Kontratua berritu ez duena Pablo De Blasis jokalaria izan da. Hegaleko jokalariak 58 partida jokatu ditu, bi denboralditan, eta zazpi gol sartu ditu.
2020-7-31
https://www.berria.eus/albisteak/185078/nafarroako-ekonomia-156-jaitsi-da-urteko-bigarren-hiruhilekoan.htm
Ekonomia
Nafarroako ekonomia %15,6 jaitsi da urteko bigarren hiruhilekoan
Urte arteko tasan %18,8koa da uzkurtzea.
Nafarroako ekonomia %15,6 jaitsi da urteko bigarren hiruhilekoan. Urte arteko tasan %18,8koa da uzkurtzea.
«Ekonomiari jotako ukabilkada izugarria da, aurrekorik gabekoa, duela hilabete batzuk aurreikusitakoa baino handiagoa». Hitz horiek erabili ditu eguerdian Elma Saiz Nafarroako Gobernuko Ekonomia kontseilariak. Izan ere, bigarren hiruhilekoz jarraian atzera egin du barne produktu gordinak, eta inoiz ikusi gabeko moduan, gainera. Nastat estatistika erakundeak gaur jakinarazitako datuen arabera, apiriletik ekainera %15,6 txikitu zen ekonomia. Urtarrilaren hasieratik martxoaren bukaerara, berriz, -%4,4. Pentsatzekoa denez, urteko hirugarren hiruhilekoan hazi egingo da barne produktu gordina, konfinamenduaren ondoren jarduera ekonomikoa abiada hartzen ari delako. Edonola ere urte arteko tasan, %18,8 txikitu da barne produktu gordina, eta, hurrengo hiruhilekoetan zerbait hobera egitea espero arren, kostatuko zaio bi zenbakiko erorikoa ez izatea urtearen amaieran. Horregatik, zuhurtzia handiz mintzatu da Elma Saiz, ondorengo hilabeteak «galdera markez beteak» direlako. Nafarroan baino eroriko handiagoa izan da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Eustatek joan den astean aurreratutako datuek diote %16,9 txikitu zela BPGa bigarren hiruhilekoan. Urte arteko tasan zenbakia are borobilagoa da: -%20,1. Apirilean, hondoa jo Elma Saizek gogora ekarri duenez, bigarren hiruhilekoak bat egin du «pandemiaren unerik gogorrenarekin». Martxoaren erdialdera alarma egoera ezarri zenean, ostalaritzak, turismoak, garraioak eta ostalaritzak berehala nozitu zuten erabakia eta kontsumoa amildu zen. Apirilean, berriz, jarduerak «hondoa jo zuen»: adibidez, iragan urteko datuekin alderatuta, autoen matrikulazioak %97 erori ziren, garraio trafikoa %79 eta etxebizitzen salerosketa «ia %67». Industrian, Landaben itxita egon zen apirilaren amaiera arte, eta apurka ekin zion jarduerari. Hala, iragan urteko apirileko datuekin alderatuta, industria produkzioa %39,3 jaitsi zen, eta enpresen negozio kopurua, %48,2. Pandemiak mundu osoan eragin duenez, esportazioak %38,2 jaitsi ziren apirilean, urte arteko tasa aintzat hartuta. Zerbitzuetan, enpresen batez besteko negozio kopurua ez zen industrian adina murriztu (%31,6); baina ostalaritzan, fakturazioaren beherakada «bereziki handia»izan zen apirilean, %91, eta garraioan, %48. Maiatzetik, konfinamendua leundu ahala, jarduera berrindartzen hasi bada ere, «COVID-19 aurreko egoeratik urrun dago», eta sektoreka suspertzea erritmo desberdinetan egiten ari da: industrian eta eraikuntzan, azkarrago; zerbitzuetan, motelago. Egoera horrek guztiak «eragin suntsitzailea» izan du lan munduan. Asteartean, INEk kaleratutako datuen arabera, bigarren hiruhilekoan 12.800 lanpostu desagertu ziren bigarren hiruhilekoan, eta 22.200, baldin eta iazko urte beteko epearekin alderatuz. Kalte hori ez da langabeziaren datuetan hainbeste islatu, jaitsiera «leunagoa» baita, Saizen hitzetan. Batetik, iruditzen zaio aldi baterako erregulazio espedienteek (ABEE) babes gisa jokatu dutela, baina, halaber, estatistika efektu bat egon delakoan dago: Lanaren Nazioarteko Erakundearen irizpideen arabera, konfinamenduan langabeetako asko inaktibo gisa zenbatu dira, eta horrek datuok «urardotu» ditu. Beste iturri batzuetara joz, ekainean 41.474 langabe zeudela, iragan urtean baino 10.088 gehiago (+%33,2). Ohartarazi du ABEEak indarrean egoteari uzten diotenean, lan arloan ordaina «garestia» izan daitekeela. Aurrera begira, Ekonomia kontseilariak nabarmendu du normaltasun berria delako COVID-19 aurreko egoeratik oso urrun dagoela, eta gizartearen ohitura aldaketek eragina dutela ekonomian. Uztailaren 21ean, Googlek emandako mugimendu datuek islatzen dutenez, herritarren egonaldien jokabideak aldatzen ari dira: «Alarma egoera ezarri aurreko bost asteetako datuekin alderatuta, nafarrek nabarmen murriztu dute dendetan, aisialdietan, farmazietan, lantokietan edo garraio publikoan igarotako denbora; aldiz, denbora askoz gehiago pasatzen dute parkeetan eta etxebizitzan zein inguruetan» Espainia eta Frantzia Hego Euskal Herriko bi erkidegoek baino zenbaki okerragoak eman ditu Espainiak; ziur aski, turismoaren eta ostalaritzaren pisua are handiagoa duelako. Zehazki, INEk dio %18,5 txikitu dela BPGa lehen hiruhilekotik bigarrenera, eta %22,1 urte arteko tasan. Zenbaki gorriak ditu Frantziak ere, baina pixka bat apalagoak: -%13,8 lehen hiruhilekotik bigarrenera, eta -%19 urte arteko tasan. Koronabirusaren astindua gogorren eta bizkorren jo zuen Italian, eta han ere beherakada historikoak izan dira jarduera ekonomikoan: -%12,4 hiruhileko batetik bestera, eta -%17,3 iazko datuekin alderatuta.
2020-7-31
https://www.berria.eus/albisteak/185079/beste-292-kasu-hego-euskal-herrian.htm
Gizartea
Beste 292 kasu Hego Euskal Herrian
Azken orduetan 162 kasu atzeman dituzte Bizkaian, 48 Nafarroan, 49 Gipuzkoan, eta 29 Araban. Zabalburuko ertzain etxea ireki egin dute berriro, desinfektatuta. Zizurkilgo bi eraikinetako bizilagunek negatibo eman dute PCR proban.
Beste 292 kasu Hego Euskal Herrian. Azken orduetan 162 kasu atzeman dituzte Bizkaian, 48 Nafarroan, 49 Gipuzkoan, eta 29 Araban. Zabalburuko ertzain etxea ireki egin dute berriro, desinfektatuta. Zizurkilgo bi eraikinetako bizilagunek negatibo eman dute PCR proban.
Azken orduotan beste 292 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian: aurreko egunetan baino gehiago. Atzo, erraterako, 265 izan ziren atzemandako kasu berriak. Lurraldeka, azken orduotan atzemandakoetatik 162 dira Bizkaikoak, 49 Gipuzkoakoak, 48 Nafarroakoak eta 29 Arabakoak. El Diario kazetak zabaldu duenez, halaber, atzo 63 urteko gizonezko bat zendu zen Txagorritxuko ospitalean, Gasteizen, koronabirusak jota. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ez du horren berri eman. Hiru lagun dauzkate ZIUetan Hego Euskal Herrian, eta beste hemezortzi lagun ospitaleratu zituzten atzo. 6.491 PCR egin zituzten atzo guztira. Ertzain etxea, berriro irekita Bilboko Zabalburuko ertzain etxea itxi egin dute goizean, «dozena erdi» ertzainek PCRan positibo eman ondoren, baina, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, berriro ireki dute 13:00etarako. Desinfekzio lanetan aritu dira 9:00etatik 12:00etara. Erne ertzainen sindikatua kexu agertu da Osakidetzak jarritako irizpideekin. Izan ere, salatu duenez, PCRetan positibo emandakoekin hamabost minutuz egondako pertsonei soilik egiten diete proba. Sindikatuaren ustez, berriz, azken hamabost egunetan Bilbon lan egin duten ertzain guztiei egin beharko litzaieke testa. Salatu dute, halaber, euren lanean distantzia sozial nahikorik gabe ibiltzen direla gehienetan, «maskararekin bakarrik», eta ibilgailuen barnean. Hala, gaitzetsi dute ertzainen eta senideen osasuna «arriskuan» jartzen ari direla, baita haiekin harremanetan egon daitezkeen herritarrena ere. Ohartarazi dute egoera aldatu ezean epaitegietara joko dutela. Segurtasun Sailak erran du ertzainen autoak egunero desinfektatzen dituztela, txanda bakoitzaren ondoren. Zizurkilen, negatibo Zizurkilen (Gipuzkoa), berriz, bi etxebizitza eraikin konfinatu zituzten atzo, eta PCR proba egin diete eraikinetako bizilagun guztiei. Negatibo eman dute guztiek, udalak jakinarazi duenez, eta, beraz, ez dute bakartuta segitu beharko. 60 bat lagun bizi dira guztira bi eraikinetan, eta horietako batzuek positibo eman ondoren erabaki zuten guztiak bakartzea. Positibo eman zuten horiek konfinatuta segitu beharko dute, baina ez bertzeek. Iker Urruzola alkateak bizilagunen jarrera txalotu du, modu «arduratsuan» jokatu dutelako, eta lasaitasun mezua zabaldu du herritarren artean, nahiz eta segurtasun neurriekin jarraitzeko eskatu. Ez da halako kasu batengatik eraikin osoak bakartzen dituzten lehen aldia: Hernanin (Gipuzkoa) ere eraikin bateko bizilagunak bakartu dituzte asteon. Guztiek eman zuten negatibo, eta jada ez dute konfinatuta egon behar. Eslovenian, berrogeialdian Esloveniako Gobernuak jakinarazi du hamalau eguneko berrogeialdia ezarriko diela Hego Euskal Herritik hara doazen herritarrei, haien nazionalitatea edozein izanik ere. Koronabirus kasuen kopuruagatik hartu du erabakia. Bertze herrialde batzuek ere hartu dituzte antzeko erabakiak azken egunotan.
2020-7-31
https://www.berria.eus/albisteak/185080/zierbena-eta-donostiarra-nagusitu-dira-euskadiko-txapelketan-lehendabizikoz.htm
Kirola
Zierbena eta Donostiarra nagusitu dira Euskadiko Txapelketan, lehendabizikoz
Gizonezkoetan Zierbena eta emakumezkoetan Donostiarra izan dira azkarrenak, eta bi taldeek lehen aldiz irabazi dute Euskadiko Txapelketa, Lekeition.
Zierbena eta Donostiarra nagusitu dira Euskadiko Txapelketan, lehendabizikoz. Gizonezkoetan Zierbena eta emakumezkoetan Donostiarra izan dira azkarrenak, eta bi taldeek lehen aldiz irabazi dute Euskadiko Txapelketa, Lekeition.
Gizonezkoetan, Zierbena moldatu da hobekien Lekeitioko estropada eremuan. Juan Zunzunegiren taldeak betidanik erakutsi izan du irabazlearen sena, eta gaur jaso du saria. Lehendabizikoz irabazi du Euskadiko Txapelketa. Lehen bandera izan du Donostiarrak ere emakumezkoetan. Oriorekin lehia oso estua izan du, eta Torrekua ontzia olatuetan bikain aritu da estropadako azken zatian. Itsas beteko estropada izan da gaur Lekeition jokatu den Euskadiko Txapelketa. Baldintza zailak izan dituzte taldeek arraun egiteko: itsaso narrasa eta mendebaleko haizea. Zierbena lehen kaletik joan da, eta irteera txukuna egin du. Bigarrenetik Hondarribia zihoan; hirugarrenetik, Donostiarra; eta laugarrenetik, Santurtzi. Lehen hiru kaleetako ontziek hartu dute estropada burua. Soterak gogotik sufritu du laugarrenetik, Urdaibaik ez bezala, Bermeotarrek lehen txandan erakustaldia eman baitute. Haizeak ababorretik jotzen zuen, eta lau ontziko patroiek galtzak bete lan izan dute ontzia gogortuta eramateko. Zierbena, Hondarribia eta Donostiarra segundo gutxitan iritsi dira lehen ziabogara. Ama Guadalupekoa ontziko aurrekalariak, baina, berandu sartu du arraun txikia, eta ziabogan joan egin dira. Garesti ordaindu dute hutsegite hori. Maniobraren ostean, Zierbenak eta Donostiarrak borroka bizia izan dute estropada bururako. Torrekua II.ak, baina, hirugarren kaleari etekina atera, eta olatua hartu du, Arkaitz Diazen gidaritzapean. Metro asko egin ditu gainean, eta minutu gutxian zortzi segundoren tartea sartu die Hondarribiari eta Zierbenari. Barruko ziabogara gerturatu ahala, lehendabiziko kaletik olatuak indartsuago sartzen ziren. Lehen txandako gidoia errepikatu da. Orio Urdaibairen gainera etorri den bezala, Zierbena eta Hondarribia ere Donostiarraren ontzira gerturatu dira. Bizkaitarrek ontzi baten aldea atera diete gipuzkoarrei bigarren ziabogara iritsi direnerako. Une horretan hasi da Zierbenaren goraldia, eta ez Hondarribiak ez Donostiarrak ez diote lehen postua kendu. Kanporako lan horretan, Juan Zunzunegiren taldea izan da indartsuena. Azken maniobran Ama Guadalupekoa ontziarekiko eta Torrekua II.arekiko sei segundoko aldea zuten bizkaitarrek. Poparean hegan egin dute, baita gozatu ederra hartu ere. Borja Gomez patroiak, lehen kaleari eutsiz, sekulako erakustaldia eman du, eta lehenak izan dira helmuga zeharkatzen. Hondarribia izan da bigarrena, hamahiru segundora, eta hirugarren postua Donostiarrarentzat izan da, garailearengandik hemezortzira. Horrenbestez, lehendabiziko Euskadiko Txapelketa izan da Zierbenarentzat, baita denboraldiko aurreneko bandera ere. Haize ufada handiagoak izan dituzte lehen txandako ontziek, eta ohorezko txandakoekiko aldeak nabarmenak izan dira. Hirugarren minuturako, Urdaibai, lehen txandako garailea, irabazlearengandik lau segundora zihoan. Bou Bizkaiak laugarrenetik egin du arraun, eta Orio izan du aurkari zuzena. Jon Salsamendiren arraunlariak lehendabiziko kaletik joan dira; Zarautz, bigarrenetik; eta Ondarroa, hirugarrenetik. Urdaibai oso ongi moldatu da poparean, eta itzulerako bi luze horietan egin dio min San Nikolas ontziari. Amaieran, Jon Elortegiren kuadrillak laugarren amaitu du sailkapen orokorrean, Zierbenarengandik 25era; Oriok egin du seigarren, 38ra. Bestalde, Zarautzen eta Ondarroaren arteko azken posturako lehian, Enbata izan da lehena, eta Ondarroa azkena, lau segundora. Donostiarra, nagusi Zoriak Donostiarra eta Orio elkarren ondoan egotea ekarri du: Torrekua lehen kaletik, eta Txiki bigarrenetik. Haiekin batera, Isuntza eta Lutxana joan dira. Irteerako lehen palakada azkarrenak Donostiarrak eman ditu, eta tosta pare bat aurretik jarri da. Orio ere bizi hasi da aurreko txanpa horretan. Bitartean, Ondarroa eta Lutxana bi segundo atzetik ziren. Orio Donostiarrarekiko bi segundoren aldearekin iritsi da ziabogara. Maniobraren ostean, Txiki ontziak lehen olatua hartu du, eta ontzi bateko tartea utzi du, baina, zegoen itsasoarekin, nahikoa zen olatu bakarrarekin galdutakoa berreskuratzea. Donostiarrek ez dute burua galdu, eta parean jartzea lortu dute, baita aurrea hartu ere. Estropada amaitzeko 400 metro falta zirela, Torrekua ontziak pare bat olatu hartu, eta ez ditu askatu. Hegan egin du, eta bost segundoko tartea zabaltzea lortu du Oriorekiko. Garaipenak ez die ihes egin. Oriotarrak handik hiru segundora iritsi dira. Brontzezko domina Arraun Lagunak-ena izan da.
2020-7-31
https://www.berria.eus/albisteak/185081/bateragune-auziko-zigorrak-baliogabetu-ditu-gorenak.htm
Politika
'Bateragune auziko' zigorrak baliogabetu ditu Gorenak
Otegiri ezarritako inhabilitazioa indargabetu du epaiak. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara aurkezteko aukera izango zuen Urkulluk bozak aurreratu ez balitu.
'Bateragune auziko' zigorrak baliogabetu ditu Gorenak. Otegiri ezarritako inhabilitazioa indargabetu du epaiak. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara aurkezteko aukera izango zuen Urkulluk bozak aurreratu ez balitu.
21 hilabete berandu, Espainiako Auzitegi Goreneko Bigarren Aretoak men egin dio Bateragune auzian kondenatutako kideen defentsak sententziari jarritako berraztertze helegiteari, eta haien aurkako zigorrak baliogabetu ditu. Ezin da erabakiaren aurkako helegiterik jarri; beraz, behin betikoa da. Horren eraginez, EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegiri ezarritako 2021. urteko otsailera bitarteko inhabilitazioa ere bertan behera geratu da. Otegik Eusko Legebiltzarrerako bozetara aurkezteko aukera izango zuen Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk aurreratu ez balitu. 2018ko azaroaren 6an Estrasburgoko epaitegiak ebatzi zuen Bateragune auziko Auzitegi Nazionaleko epaimahaia ez zela inpartziala izan, argudiatuta Europako Giza Eskubideen Ituneko 6.1 artikulua urratu zuela. Ebazpen erabakigarri horren ondotik, apirilaren 4an defentsak eskatu zuen baimena berraztertze prozedurari ekiteko, baina irailaren amaiera arte ez zuen izan. Prozedura Kriminaleko Espainiako Legearen 954. artikuluaren arabera Europaren epaia nahikoa arrazoi dela argudiatu zuen Gorenak orduan. Behin baimena izanda, iazko azaroan, berraztertze helegitea aurkeztu zuen Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta, Rafa Diez eta Otegiren defentsak, iazko azaroan. Gorenak fiskaltzaren esku utzi zuen kasua, eta gaur iritsi da azken erabakia, behin betikoa. Bateragune auziko operazioa 2009ko urriaren 13an egin zuten; Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak zuzendu zuen auziaren instrukzioa, eta auzitegi hark bi urte geroago eman zuen bost kideen aurkako epaia. ETAko buruzagi izatea leporatu zieten Otegiri eta Diezi, eta partaide izatea, berriz, gainerakoei. Zortzi eta hamar urteko zigorrak ezarri zizkien. Sei hilabete geroago, 2012ko maiatzaren 7an, Gorenak berretsi egin zuen epaia, baina ETAko buru izateko akusazioa kendu zien Otegiri eta Diezi eta guztiei espetxe zigorrak murriztu zizkien —inhabilitazioak ez—. Geroago, babes helegitea aurkeztu zuen defentsak, baina errekurtsoa atzera botata, Auzitegi Konstituzionalak ere ontzat jo zuen epaia, eta bere hartan utzi. Zehazki, Gorenaren epaiaren aurka jarri zuen helegitea Iñigo Iruin defentsako abokatuak. Espainiako justizia sistemaren bidea agortuta, Estrasburgora jo zuten. Auziaren nondik norakoez gehiago jakin nahi izanez gero, Berria-ren berri bilduma Bost zigortuek denera 31 urte egin zituzten preso. Jacintok, Rodriguezek eta Zabaletak, seina urte, eta Otegik eta Diazek, ia sei eta erdi bakoitzak. Horrez gain, jardun publikoan aritzeko inhabilitazio zigorra ere jarri zieten. Haien artetik Otegiri falta zitzaion betetzeko. Gaurko epaiak aurtengo Eusko Legebiltzarrerako bozetara aurkezteko aukera emango lioke Otegiri, Urkulluk aurreratu ez balitu. Arnaldo Otegik, gainerako beste kideekin batera ageri den argazki baten alboan, bere mezua plazaratu du sare sozialetan: EH Bilduko legebiltzarkide Maddalen Iriartek sare sozialen bidez eman du ebazpenaren gaineko iritzia, kritiko: «Sei urte t’erdiz kartzelan modu injustuan eduki zituen Espainiako auzitegi gorenak. Estrasburgoko epaia onartzeko 20 hilabete behar izan ditu auzitegi horrek. Hauxe da Espainiako justiziaren benetako maila».
2020-7-31
https://www.berria.eus/albisteak/185082/elkargoko-lehendakariordeak-eta-kontseilu-iraunkorreko-kideak-hautatu-dituzte.htm
Politika
Elkargoko lehendakariordeak eta kontseilu iraunkorreko kideak hautatu dituzte
Jean Rene Etxegarai lehendakariak proposaturiko lehendakariordeak izendatu dituzte biltzarreko kideek. Instantzia bakar bat ere ez da parekidea izanen.
Elkargoko lehendakariordeak eta kontseilu iraunkorreko kideak hautatu dituzte. Jean Rene Etxegarai lehendakariak proposaturiko lehendakariordeak izendatu dituzte biltzarreko kideek. Instantzia bakar bat ere ez da parekidea izanen.
Elkargoko kontseilu exekutiboan parte hartuko duten 15 lehendakariordeak izendatu dituzte goizean. Renee Carrique izanen da lehen lehendakariordea; Idauze Mendiko (Zuberoa) auzapeza, emakume bakarrenetakoa. Ondokoak izanen dira beste hamalau lehendakariordeak, hurrenez hurren: Kotte Ezenarro Hendaiako (Lapurdi) auzapeza, Martine Bisaute Baionako gehiengoko hautetsia, Daniel Oltzomendi Izurako (Nafarroa Beherea) auzapeza, Maider Aroztegi Miarritzeko (Lapurdi) auzapeza, Claude Olive Angeluko (Lapurdi) auzapeza, Sylvie Durruti Baionako gehiengoko hautetsia, Roland Hirigoien Mugerreko (Lapurdi) auzapeza, Isabelle Pargade Hazparneko (Lapurdi) auzapeza, Antton Kurutxarri Baigorriko (Nafarroa Beherea) lehen axuanta, Jean Pierre Irigoien Donibane Lohizuneko auzapeza (Lapurdi), Bruno Karrere Uztaritzeko auzapeza (Lapurdi), Jean Yves Bussiron Gixuneko (Lapurdi) auzapeza, Jean Pierre Laflaquiere Angeluko hautetsia, eta, Arnaud Fontaine Ozaraineko (Zuberoa) auzapeza. Parekidetasunik ez du lortu lehendakariordeen taldeak: bost emakume soilik ez dira izanen; herena, alegia. Nabarmentzekoa da tendentzia abertzaleko hiru kide hautatuak izan direla: Bruno Karrere, Antton Kurutxarri eta Daniel Oltzomendi. Bestalde, kontseilu iraunkorrean parte hartuko duten beste 57 ordezkariak hautatu dituzte -denetara 72 izanen dira lehendakariordeekin batera-. Elkargoa osatzen duten hamar lurraldeetako ordezkariak izanen dira bertan. Instantzia horretan ere, emakume gutxi izango da: 57 kideetatik 20. Abertzaleek herriko bozetan lortutako emaitzen ondorioz, auzapez abertzale zenbait sartu dira kontseilu iraunkorrera: Eneko Aldana Ziburuko auzapeza, Filipe Aramendi Urruñako auzapeza eta Alain Iriart Hiriburuko auzapeza, besteak beste. Guztira beraz, kontseilu iraunkorreko 72 kideak izendatu dituzte goizean, horietako 25 dira emakumeak. Zenbait hautetsik oposizioak duen leku gutxia salatu dute. Hala, Colette Capdevielle Baionako oposizioko hautetsiak esan du elkargoaren egitura eta administrazioagatik, oposizioek leku gutxi lor dezaketela. Gaineratu du, emakumeek arras leku guti dutela. «Emakumea eta oposiziokoa izanik, bi ezintasunak pilatzen ditut». Azpimarratzekoa da elkargoak Gobernantza Ituna aldatu zuela joan den kargualdiaren bukaeran. Ipar Euskal Herriko lurraldeen arteko oreka bermatzeko xedez, lurralde bakoitzeko animatzaile bat izendatu behar izan du lurralde bakoitzak. Kontseilu exekutiboan parte hartuko dute lehendakariarekin, lehendakariordearekin, eta, kontseilari delegatuekin batera —horiek datorren astean finkatuko dituzte—. Eric Narbaitz-Jauregik Amikuzeko (Nafarroa Beherea) lurraldea ordezkatuko du, Eneko Aldanak Hego Lapurdikoa, Anthony Bleuzek Euskal Kosta Aturrikoa, Muriel Houetek Bidaxuneko poloa, Peio Etxelekuk Errobikoa, Gilbert Oçafrainek Garazi Baigorrikoa, Arño Gaztanbidek Hazparnekoa, Xavier Lacostek Iholdi Oztibarrekoa, Alain Iriartek Errobi Aturrikoa, eta azkenik, Jean-Marc Barantholek Zuberoakoa.
2020-7-31
https://www.berria.eus/albisteak/185083/artiumeko-langileek-greba-egingo-dute-irailean.htm
Kultura
Artiumeko langileek greba egingo dute irailean
Lanuzteak hiru egunetan egingo dituzte: 4an, 9an eta 11n. Hilaren 15erako gatazka konpondu ezean greba mugagabea hasiko dutela iragarri dute.
Artiumeko langileek greba egingo dute irailean. Lanuzteak hiru egunetan egingo dituzte: 4an, 9an eta 11n. Hilaren 15erako gatazka konpondu ezean greba mugagabea hasiko dutela iragarri dute.
Gasteizko Artium museoko langileek greba egitea erabaki dute. Bisitarien arretarako zerbitzuko langileek protestak gogortzea erabaki dute, horrenbestez. ELA sindikatuak BERRIAri jakinarazi dio gaur arratsaldean erregistratu dutela deialdia, irailerako. Lanuzteak hiru egunetan egingo dituzte: irailaren 4an, 9an eta 11n. Eta aurreratu dute hilaren 15erako lan gatazka konpondu ezean greba mugagabeari ekingo diotela. Datozen egunetan, halere, mobilizazioekin jarraituko dute. Hamasei langilek osatzen dute bisitarien arretarako zerbitzua. Azpikontratatutako enpresa bateko beharginak dira. Museoko zuzendaritzak, ordea, kontratua berritu nahi du, baina langileek salatu dute adjudikazio berriaren aurrekontua %20 txikiagoa izango dela 2018koaren aldean. ELAren arabera, horrek hainbat lanpostu kentzea ekarriko du, eta lan baldintzak «nabarmen» okertzea. Museoak, ordea, ukatu egin du asmo hori duela, eta esan du zerbitzu orduaren prezioa %5 handiagoa dela duela bi urteko adjudikazioarekin alderatuta. Zuzendaritzak ziurtatu du, halaber, aintzat hartzen duela sektoreko lan hitzarmen kolektiboa. Langileek atzo egin zuten aurreneko elkarretaratzea museoaren aurrean. «Artium, zuk nahi duzuna, murrizketak eta kaleratzeak» lelopean, dozenaka lagun bildu ziren egoera gaitzesteko. Gaur, berriz, Ana del Val Arabako Foru Aldundiko kultura diputatuarekin –Artium fundazioko batzordeko presidentea ere bada– bildu dira ELAko ordezkariak, lan gatazkari konponbidea bilatzeko asmoz. Sindikatuko iturrien arabera, bilera ongi joan da; nork bere ikuspuntua azaldu du, baina irailean berriz elkartzekotan geratu dira. Bitartean, ordea, langileek iragarri dute mobilizazioekin jarraituko dutela, «iragarritako murrizketak egin ez daitezen eta lanpostu guztiak eta zerbitzuaren kalitatea bermatuko dituzten baldintzak berregin daitezen». Gatazka konpondu ezean, grebara joko dute, iragarri bezala.
2020-7-31
https://www.berria.eus/albisteak/185085/bisitari-bat-hil-da-kakuetako-arroilan-eta-beste-hiru-zauritu-dira.htm
Gizartea
Bisitari bat hil da Kakuetako arroilan, eta beste hiru zauritu dira
Luizi bat gertatu da Santa Graziko Kakueta Arroilan (Zuberoa). Bisitari bat hil egin da, eta hiru pertsona zauritu dira.
Bisitari bat hil da Kakuetako arroilan, eta beste hiru zauritu dira. Luizi bat gertatu da Santa Graziko Kakueta Arroilan (Zuberoa). Bisitari bat hil egin da, eta hiru pertsona zauritu dira.
Francebleu irratiak jakinarazi duenez, luizia arratsaldean gertatu da. 31 urteko emakume bat hil egin da. Bikote bat eta haur bat zauritu dira erori den harriarengatik. Autoritateen arabera, egunotako eguraldi beroaren eta barda izandako ekaitzaren ondorio bat izan daiteke. Kakuetako arroilako ibilibidea trabatu du luiziak, eta ibiltari zenbait kokatuak dituzte. Milaka eta milaka bisitari hartzen dituen gunea da Kakueta. Gertatutakoa ikusirik, gunea hestea erabaki dute zenbait eragilek.
2020-7-31
https://www.berria.eus/albisteak/185086/bankoa-erosi-du-galiziako-abanca-bankuak.htm
Ekonomia
Bankoa erosi du Galiziako Abanca bankuak
Azken urteetan Credit Agricoleren esku izango da Gipuzkoako bankua.
Bankoa erosi du Galiziako Abanca bankuak. Azken urteetan Credit Agricoleren esku izango da Gipuzkoako bankua.
Jabe berria izango du Bankoak. Frantziako Credit Agricoleren menpe izan da 1997az geroztik, eta Galiziako Abanca izango du nagusi berria, gaur arratsaldean iragarritako erosketarako akordioa ixten badute. Abanca bera Venezuelako Banesco bankuaren adar bat da. Bankoa erosita, Hego Euskal Herrian duen presentzia txikia —sei bulego baizik ez ditu— handitu nahi du Abancak. Aurten, Portugalgo Caixa Geral erosi du. Bankoa 1975ean sortu zuten, Donostian. Industria bankua zen hasieran, nagusiki Gipuzkoako enpresa ertainei eta handiei finantzaketa ematera bideratua. Beste euskal lurraldeetara ere hedatu da, eta bezero partikularretan ere hartu du bere lekua. Gaur egun, 30 bulego zituen, horietatik 28 Euskal Herrian: hamazazpi Gipuzkoan, bederatzi Bizkaian, eta bana Araban eta Nafarroan. Banku txikia da —257 langile ditu, 40.000 bezero, eta 4.374 milioi euroren negozio kopurua—, baina errentagarria —zortzi milioi irabazi zituen iaz—, eta kaudimenduna —%13,16ko kapitala, CET1 ratioaren arabera. Oraingo kudeaketa taldeak jarraitu egingo duela agindu du jabe berriak. 2017az geroztik, Jesus Suarez du kontseilari ordezkari. Abancak eta Bankoak bazuten aurretik harremana, azken bi urteetan aseguruen negozioa partekatu dutelako.
2020-8-3
https://www.berria.eus/albisteak/185087/intelektual-bat-euskal-herriari.htm
Gizartea
Intelektual bat Euskal Herriari
60 urteko ibilbide oparoa egin du euskal kulturgintzan eta euskalgintzan; besteak beste, Jakin aldizkariko zuzendaria izan zen 42 urtez, eta Euskaldunon Egunkaria-ko administrazio kontseiluko lehendakaria. Minbiziak hil du, Egunkaria itxi ondoren jasandako torturekin lotu zuen minbiziak. Torrealdairi buruzko gehigarri berezia argitaratu du larunbatean BERRIAk.
Intelektual bat Euskal Herriari. 60 urteko ibilbide oparoa egin du euskal kulturgintzan eta euskalgintzan; besteak beste, Jakin aldizkariko zuzendaria izan zen 42 urtez, eta Euskaldunon Egunkaria-ko administrazio kontseiluko lehendakaria. Minbiziak hil du, Egunkaria itxi ondoren jasandako torturekin lotu zuen minbiziak. Torrealdairi buruzko gehigarri berezia argitaratu du larunbatean BERRIAk.
Erreferente eta eragile handi bat galdu dute euskarak, eta euskal kulturak, eta Euskal Herriak: Joan Mari Torrealdai hil da, 77 urte zituela. Euskal kulturako intelektual handietako bat izan da, eta euskalgintzako ekintzailea. Ia 60 urteko ibili oparoa utzi du. Eta, heriotzaren ondoren ere, zutik jarraituko dute haren altzoan sortutako eta hazitako proiektuek; besteak beste, BERRIAk, Euskaldunon Egunkaria-ren oinordeko egunkari nazionalak. Azken urteak minbiziarekin egin ditu Torrealdaik. 2015ean jakinarazi zuen hezur muineko minbizia zeukala. Hamabi urte joanak ziren Guardia Zibilak atxilotu zuela, Egunkaria itxi ondoren, eta polizia etxean jasandako torturekin lotu zuen minbizia: «Esaten nuen hezur muineraino min egin zidatela. Hezur muinean agertu zitzaidan minbizia». Osasun gorabeherekin egin ditu urteok, eta haren egoerak okerrera egin du azken egunetan. Etxeko beroan hil da, senideak eta lagun gertukoak agurturik. Usurbil (Gipuzkoa) izan du bizilekua urteotan, eta bertako beilatokian jarriko dute hil kapera bihar: goizean, 09:00etatik 13:00etara, eta arratsaldean, 16:00etatik 20:00etara. Bizkaitarra zen sortzez Torrealdai, Forukoa. Baina haren ibilbidean giltzarria izan da beste leku bat ere: «Esan liteke biologikoki Foruan jaio nintzela, eta kulturalki, Arantzazun». 1954an joan zen Oñatiko santutegira (Gipuzkoa), seminariora. 12 urte zituen. «Seminarioak ziren euskal unibertsitaterik ez zegoen herri honetako unibertsitateak». Zazpi urte egin zituen Arantzazun. Borborka zegoen santutegia: basilika berri eta berritzailea eraikitzen ari ziren, intelektual ugariren bilgune zen, eta Euskaltzaindiak han egin zituen batzar erabakigarriak —tartean, 1968koa, euskara batuaren sorrerakoa—. Euskal Herrirako begiak ireki zizkion Arantzazuk Torrealdairi, 2016an BERRIAn kontatu zuenez: «Txokokerien gainetik Euskal Herria osotasunean ulertzeko modu bat zor diot Arantzazuri». Euskara batuari buruzko kongresua Arantzazun, 1968an; han ere parte hartu zuen Torrealdaik. EUSKALTZAINDIA Euskal kulturgintzan murgiltzeko abiapuntu ere izan zitzaion Arantzazu. Torrealdai seminariora iritsi eta gutxira sortu zuten Jakin aldizkaria, 1956an; ikasleek egiten zuten. Torrealdai gerora sartu zen taldean, 1963an. Ate ugari ireki zion: «Irteera handia izan zen». Baina zaila zen egoera, zentsuragatik. Torrealdai sartzean hala zegoen; 1964an baimendu zuten, eta 1969an, berriz isilarazi. Torrealdai zen zuzendaria. Zentsura izan zuen aztergaietako bat gerora. Jakin taldeko kide gisa euskara batuaren bultzatzaile nagusietako bat izan zen, eta hala jarraitu du hamarkada hauetan. 1975ean euskaltzain urgazle izendatu zuten, eta oso 2007an. Orain bi urte, 1968ko bilkuraren urteurrenean, hark irakurri zuen Euskara batuaren adierazpena, Arantzazun. Joseba Intxausti, Joxe Azurmendi, Joan Mari Torrealdai eta Paulo Agirrebaltzategi, Jakin berritua aurkezten, 2014an. JON URBE / FOKU Jakin isilarazirik, ikasketak sakontzera jo zuen 1969an Torrealdaik. Okzitaniako Tolosara joan zen, Manex Erdozaintzi-Etxartekin —frantziskotarra zen hura ere—. Teologian lizentziatu zen. Parisera joan zen gero, Soziologia ikastera, 68ko Maiatza igaro berri zelarik. «Munduaren erdigunea iruditu zitzaidan, talaia paregabea». Frankismoaren hondarrak ziren, eta indartzen ari zen euskara eta euskal kultura berpizteko mugimendua. 1975ean itzuli zen Torrealdai Paristik, eta parte hartu zuen Elkar argitaletxea sortzen eta Jakin martxan jartzen. 1977an lortu zuten aldizkaria kaleratzeko baimena, Torrealdai zuzendari zela. Bazen arazo bat, ordea: «Urteak neramatzan aldizkarietako zuzendari, eta titulurik ez. Eta legez titulua behar». Informazio zientzietan lizentziatu zen EHU Euskal Herriko Unibertsitatean, tesina honekin: ETB eta euskara. Urte haietan sendotu zen Jakin taldea, eta, aldizkariaz harago, beste lan ugari ere egin zituzten. Torrealdaik berak, adibidez, 1977an argitaratu zuen Euskal idazleak gaur. Beste hiru kide historiko zituen alboan Jakin taldean: Joseba Intxausti, Joxe Azurmendi eta Paulo Agirrebaltzategi. Laurek jaso zuten Gipuzkoako Foru Aldundiaren urrezko domina 2018an. Taldea, hori izan du ardatz Torrealdaik ibilbide profesional osoan: kolektiboan lan egitea. Hori nabarmendu zuen, adibidez, 2016an, Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria jasotzean: «Ipotx bat naiz erraldoien bizkar gainean igoa. Erraldoi askori zor diot zuen aurrean egotea. Nire obra zerbait bada, obra kolektiboa da». Beste ardatz bat ere izan du Torrealdairen ibilbideak: herri ekimenaren aldeko apustua. Horren aldarria egin zuen, adibidez, 2016an, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren aurkezpenean: «Herri ekimenak ikaragarri dezake, kudeaketa on batez lagundurik. Daukagun hoberentxoena herri ekimenari, lan eta elkarlan kolektiboari, hizkuntza komunitate aktibo eta konprometituari hein handi batean zor diogulakoan nago». Herri ekimeneko proiektu handi batean murgildu zen Torrealdai 1980ko hamarkadaren amaieran: Euskaldunon Egunkaria-n. Lan diplomatikoa egitea egokitu zitzaion, «proiektuaren izaera azaltzea instituzioetan eta gizarte eragileetan». Ez zen lantegi erraza izan: «mesfidantza asko» zegoen, «salakuntza inplizitu asko». 1990eko abenduaren 6an atera zuen lehen zenbakia Egunkaria-k. Administrazio kontseiluko lehendakaria izan zen Torrealdai. Herri ekimenarekin batera, bazuen beste ardatz bat: ametsak lortu egin daitezkeela, oztopoak izan arren. «Nire eskarmentuko lezio nagusia esaldi labur honek bil dezake: ezina ekinez egina. Abiatzeko unean hainbat ekimenek hala ematen zuten, lortezinak zirela, baina, historia lekuko, ekinaren poderioz burutzera iritsi izan gara». Egunkaria Sortzen taldearen agerraldia. Ezkerretik eskuinera: Joxemi Zumalabe, Martin Ugalde, Iñaki Uria eta Joan Mari Torrealdai. EGUNKARIA 2003an zapuztu zuen Egunkaria-ren proiektua Guardia Zibilak: indarrez itxi zuen euskarazko periodikoa, Espainiako Auzitegi Nazionalaren onespenez. Atxilotu egin zituzten arduradunak, tartean Torrealdai bera. Torturak salatu zituzten. Torrealdaik berak ez hasieran: bost urte behar izan zituen mina kanporatzeko. Zauri sakona izan zen. Eta ez zen atxiloaldi ondoren amaitu: 11 urteko auzibide luzeak etorri ziren ondoren —Torrealdai auzi nagusian eta ekonomikoan zegoen—. Absolbitu egin zituzten auzi nagusiko auzipetuak, eta auzi ekonomikoa artxibatu egin zuten. Baina kaltea egina zegoen: kalte pertsonala eta kalte profesionala. «Sarraskia» egin ziotela salatu zuen: eramandako paper asko ez zizkioten itzuli, eta bueltatu zizkiotenak desordenaturik zeuden. «Ez da borondaterik gabe egina. Ezabatu egiten dizute memoria, badakite-eta ni bezalako baten indarra bere dosierretan dagoela. Nire informazio bilketetan oinarritutako lanik ez dut egin ordutik». Joan Mari Torrealdai eta Txema Auzmendi, eskuburdinak jarrita, epailearen aurrean deklaratu ostean, kartzelara bidean, 2003an. EITB Eta 2015ean azaleratu zen urteetan erraietan pilatutako mina. Hezur muineko minbizia atzeman zioten Torrealdairi, eta zuzenean lotu zuen torturarekin. Lotura bazegoela ondorioztatu zuen haren psikiatrak ere. 2014ko maiatzean BERRIAk egin zion elkarrizketa batean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU Mugatuago, baina ibili da jendaurrean urteotan: liburuak argitaratu ditu —Asedio al euskera eta De la hoguera al lápiz rojo—, sariak jaso, hitzaldiak eman... Jakin-en erreleboa eman zuen 2014an, 42 urte zuzendari egin ostean, baina inguruan segitu du «osasunak lagundu dion guztietan», lankideek diotenez. Baina itzali da. Lasai joan dela esan die ingurukoei. «Libre sentitzen zela, lasai zegoela». Familia eta gertukoen abaroan eman du azken hatsa. TORREALDAI GORRITI FAMILIA JOAN MARI TORREALDAI [1942-2020] Gehigarri berezia PDFn | Artikulu bilduma | Iritzi artikuluak
2020-8-1
https://www.berria.eus/albisteak/185091/torrealdairen-ahotsa-iruditan.htm
Gizartea
Torrealdairen ahotsa iruditan
Torrealdairen ahotsa iruditan.
Arrasto sakona utzita hil da Joan Mari Torrealdai (Forua, Bizkaia, 1942 – Usurbil, Gipuzkoa, 2020). Arrasto sakona, haren jardun sakonaren erakusle. Ibilbide horretan egin dituen hainbat adierazpen bildu ditu BERRIAk ikus-entzunezko formatuan, urte luzez eginiko lan mardularen erakusle. «Ez naiz izarra, are gutxiago eguzkia. Hala ere, hona hemen, zuen aurrean ohoratua», esan zuen 2016. urtean, Manuel Lekuona saria jaso zuenean, Xalbador ahotan hartuta. Lorpen ugari lortuta ere, umil mintzatu izan da beti. Hala hitz egin zuen urte berean Donostian, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren aurkezpenean ere: «Nire titulu bakarra da diktadura frankistaren azpian hasi, eta 50 urtetik gora, gaur arte, beti eta etengabe, euskalgintzan jardun izana». Euskarari eta euskalgintzari buruz, Euskaldunon Egunkaria-ren itxierari buruz, torturari buruz, eta beste hainbat eta hainbat gairi buruz mintzatu izan da, eta horiek jaso ditu BERRIAk bideoan. Lau minutu gutxi dira ia 60 urteko jarduna laburbiltzeko, are Torrealdaik utzitako ondare osoa jasotzeko. Baina merezi du haren ahotsean egindako bideari erreparatzea. JOAN MARI TORREALDAI [1942-2020] Gehigarri berezia PDFn | Artikulu bilduma | Iritzi artikuluak
2020-8-1
https://www.berria.eus/albisteak/185093/euskal-kulturaren-defendatzailea-goretsi-du-euskalgintzak.htm
Kultura
«Euskal kulturaren defendatzailea» goretsi du euskalgintzak
Joan Mari Torrealdairekiko esker oneko hitzez bete dira sare sozialak, haren heriotza iragarri eta minutu gutxira.
«Euskal kulturaren defendatzailea» goretsi du euskalgintzak. Joan Mari Torrealdairekiko esker oneko hitzez bete dira sare sozialak, haren heriotza iragarri eta minutu gutxira.
Bolbora bezala zabaldu da Joan Mari Torrealdairen heriotzaren albistea sare sozialetan. Euskalgintzak pairaturiko galera nabarmendu dute mezuetan. Instituzioetan, politikan, kulturgintzan eta herri ekimenetan aritzen diren hainbat kidek adierazi dute euren atsekabea. Torrealdaik euskararen eta euskal kulturaren alde egindako lana, haren gogoetarako gaitasuna eta jarrera atsegina aipatu dituzte hainbatek, eta nabarmendu dute haren ondarea euskaldunen eskuetan geratu dela. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakariak Torrealdairen «ekarpen erraldoia» nabarmendu du Twitterren zabalduriko mezu batean, eta hark utzitako «hutsune handia». Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiak ere agurtu nahi izan du Torrealdai, «itzal handiko gizona». Haren «lana eta bikaintasuna goraipatu» ditu Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak. «Aberri hau maite dugun guztiok faltan botako zaitugu, Joan Mari», adierazi du Andoni Ortuzar EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak. Torrealdairen heriotza «galera izugarria» dela esan du Maddalen Iriarte EH Bilduko lehendakarigaiak. Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkariak gogoratu du Torrealdai 2003an espetxeratu zuela Espainiako Auzitegi Nazionalak, «geroago errugabe zela onartu zuen arren. Gure begirune osoa zor diogu». «Euskaltzalea, herrigilea, ekarpen kolosala egin dio Euskal Herriari», adierazi du Sortu alderdiak, eta gogoratu du Euskaldunon Egunkaria-ren aurkako operazioan «Guardia Zibilak bortizki torturatu» zuela, eta Horri egotzi ziola bere gaixotasuna. Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko Paul Bilbaok Torrealdairen lekukoa hartzeko konpromisoa adierazi du: «Esana zenuen, Joanmari, zeure eskarmentuko lezio nagusia esaldi labur batek bil dezakeela: Ezina ekinez egina. Geuk egiten jarraituko dugu. Eskerrik asko bihotz-bihotzetik!». Euskal Herrian Euskaraz taldeak eskerrak eman dizkio Torrealdairi: «Amestu zenuen Euskal Herri euskalduna lortu arte zure lekukoari helduko diogu euskaltzaleok». Euskarazko webguneen domeinua kudeatzen duen .EUS Fundazioaren sorreran Torrealdai izan zela lehendakari eta bidelagun gogoratu du Josu Waliñok, fundazioko zuzendariak. «Tristura trinko batek estali du euskararen lurra, erreferentzia eta ipar izan delako, kulturgile oparo, intelektual handi eta konprometitua eta pertsona gertu eta atsegina», idatzi du Kike Amonarriz soziolinguistak. Jakin aldizkariak posta elektronikoz zabaldu du erreakzioa. Hango zuzendari eta kidea izan zen Torrealdai: «Euskal kulturarentzat eta euskalgintzarentzat ezinbesteko pertsona izan da Torrealdai. Euskal pentsamendua sustatzen jardun zuen Jakin aldizkariko zuzendari gisa, baita ondoren Jakin Fundazioko lehendakari moduan ere. Euskal idazleen eta liburugintzaren ikerketa soziologikoetan aitzindari izan zen, eta euskalgintzak jasandako zentsurari buruz aparteko ikerketak burutu ditu, besteak beste. Gainera, ikertzaile ez ezik, eragile garrantzitsua ere izan da Torrealdai; Jakin Taldeko kide eta Euskaldunon Egunkaria berripaperaren sortzailea izan zen, esaterako». Torrealdairen bizitzari eta ekarpenari buruzko informazioa ematen du Jakinek bere webgunean. «Eskerrik asko, Joan Mari, eman diguzun guztiagatik». Elkar argitaletxeak gogoratu du 1972an Ipar Euskal Herrian 20 kulturgilek abiatu zutela euren egitasmoa; Hego Euskal Herriko beste 20 lagunen parte hartzearekin osatu zen, eta hogei lagun horien artean zegoen Torrealdai. «Gerora ere erabateko lotura izan du elkarrekin, beti izan baita modu batera edo bestera bertako kide. Elkar fundazioko patronatuko kide izan da Torrealdai, eta 2011tik 2014ra hangp lehendakaria izan zen, eta, azken urteotan, lehendakariorde funtzioa bete du. Ondorioz, elkarren ere ekarpen handia egin du eta arrasto sakona utzi du». Torrealdaik euskal kulturak «independentzia erabatekotik» lan egin behar duela defendatu izan zuela beti nabarmendu du Elkarrek, eta intelektualak ikerlari zein ekintzaile gisa eginiko lana nabarmendu du. «Dudarik gabe, handia izango da euskal munduan utziko duen galera, eta handia etxeko eta gertukoen artean utziko duena ere». Euskaltzaindiak Torrealdai «Euskaltzale sutsu eta nekaezina» izan zela gogoratu du. Liburugintzan eginiko lana jarri du mahai gainean, eta 1975. urtean euskaltzain urgazle izendatu zutela, eta euskaltzain oso, 2007an. «Hare lan nekaezina eredugarria izan da euskalgintzan. Euskal kulturaren sustatzaile eta defendatzaile aparta izan da», adierazi du Andres Urrutia euskaltzainburuak. «Azalean baino, sakon, zehatz eta goi mailan jokatu du, eta gure hizkuntzaren adarretatik hainbatetan berritzaile izan dugu. Berba batez esateko, jakintzatik ekintzetara joaten jakin izan duen euskaltzale aparta izan da Torrealdai». Miren Azkarate euskaltzainak hitz gakoetan laburbildu du Torrealdairen ekarpena: «euskara eta euskal kultura, liburugintza, Jakin eta Arantzazu». Karmele Jaio idazleak «ezinbesteko» gisa definitu du Torrealdai: «Biba zu, Joan Mari. Ez zaitugu ahaztuko». Torrealdaik ere «sentituz, pentsatuz eta ekinez» jardun zuela adierazi dute Pirritx, Porrotx eta Marimotots artistek. JOAN MARI TORREALDAI [1942-2020] Gehigarri berezia PDFn | Artikulu bilduma | Iritzi artikuluak
2020-8-1
https://www.berria.eus/albisteak/185094/euskararen-amaiur-honetan.htm
Gizartea
Euskararen Amaiur honetan
Euskararen Amaiur honetan.
Gizarteari lotzen gatzaizkion lekuak bizitzaren zentzuaren berri eman lezake. Joan Mari Torrealdai euskararen eta herriaren aldeko borrokatik lotu zaio herri izan nahi duen gutasun honi. Zehatzago esan, euskalgintza herrigintzaren eraikuntzaren erdigunean jartzetik. Eta hori du bere bizitzaren zentzua, bizi duen lekua. Torrealdai hasiera berri bat da. 50eko hamarkadan, gerraosteko lugorrian, bide berri bat ekarri zuen belaunaldiko kide da. Etena eta segida, aldi berean, etorkizun bizigarri baten bide irekitzaile. Bide berriak, bide guztiak. Larrekoak eta noranahikoak. Bereziki noranahikoak. Herentziarik gabe jaio zen belaunaldi hark, tartean Torrealdai, eskuzabaltasun osoz, baratze ongarritu bat utzi digu herentzian. Torrealdai kontzientzia bat da. Kontzientziarik ez zegoen garaitik kontzientzia modan ez omen dagoen garai hauetarako irakaspen bat. Kontzientzia bat kate bati eusteko, lotzeko bezainbeste hausturak eragiteko. Berritzeko, berrasmatzeko. Garaiari erantzuteko. Kontzientzia bat auzien garrantziaz jabetzeko, egin behar denaren eta egiten ari garenaren garrantziaz ohartzeko. Torrealdai konpromiso bat da. Erdigune ez-ekidistante batetik, gizarte zibilean, euskalgintza beregainean eta profesionaltasun militantean sustraitzen dena. Torrealdai taldetasun bat da. Besteekin lankidetzan jarduteko gaitasuna eta egitasmoak –egiturak, beti egiturak– sortu arteko onik eza. Oinarriak jartzen, aldamioak altxatzen hainbat eta hainbat egitasmotan. Eta bereziki Torrealdai Jakin da, eta Jakin bera ulertzeko moduak ahalbidetu dio beste mila egitasmotan eragiletzan aritzea. Torrealdai galdera bat da. Zer da euskarak behar duena, zer da herri honek behar duena. Euskararen askatasuna eta bizia defendatzen eman du bizitza. Mundu propioa sortzen eta elikatzen. Geure baitakoak izan gaitezen, ez menpeko perpaus. Buru askiak eta askeak. Torrealdai pribilegio bat da Euskal Herriarentzat. Sinbolo bat, jada: euskararen aldeko borrokagatik, borroka horrexegatik atxilotua izanagatik, torturatua, epaitua, epaiaren zain zazpi urte egon eta gero zorionez libre atera izanagatik. Sinbolo bat, ez ordainik ordaindu gabe, halere. Euskararen Amaiur honetan, Torrealdai gure lekua da. JOAN MARI TORREALDAI [1942-2020] Gehigarri berezia PDFn | Artikulu bilduma | Iritzi artikuluak
2020-8-1
https://www.berria.eus/albisteak/185095/ez-ahaztu.htm
Gizartea
«Ez ahaztu»
Egunkaria-ren aurkako bi kasuetan auzipetu zuten Torrealdai: itxierakoan, absoluzioa izan zen, eta ekonomikoan, artxiboa. 11 urtetik gorako «tortura fisiko eta psikologikoa» pairatu zuen, gaixotzeraino.
«Ez ahaztu». Egunkaria-ren aurkako bi kasuetan auzipetu zuten Torrealdai: itxierakoan, absoluzioa izan zen, eta ekonomikoan, artxiboa. 11 urtetik gorako «tortura fisiko eta psikologikoa» pairatu zuen, gaixotzeraino.
Egunkaria-ren aurkako epaiketaren hasieraren bezpera da, 2009ko abenduaren 14a; Andoainen (Gipuzkoa) daude bost auzipetuak, Martin Ugalde kultur parkean: Txema Auzmendi, Xabier Oleaga, Martxelo Otamendi, Joan Mari Torrealdai eta Iñaki Uria. Prentsaurrekoa eman dute, eta Madrilera eramango dituen autobusean sartzera doaz. Haiek agurtzera azaldu dira 50en bat kide. «Itzuliko gara, itzuliko gara». Torrealdaik esan die itzuliko direla. Lehenago, azaldu du berriz ere «behartuta» eta «gogoz kontra» doazela Madrilera, 2003ko otsailaren 20ko itxiera operazioan bezala, baina «burua goian». Itzuli ziren, itzuli zirenez: absoluzioa (2010eko apirilaren 12a). Orain, Torrealdai joan egin da: gaur zendu da, minbizi baten ondorioz. Haren obra geratu da. Epaiketaren lehen egunean deklaratu zuen Torrealdaik, beste auzipetuek bezala. «Absoluzioa gutariko bakoitzarentzat eta denontzat, absoluzioa Egunkaria-rentzat. Ez dugu beste emaitzarik ontzat emango», esan zuen epaimahaiaren aurrean, Espainiako Auzitegi Nazionalean. ETAko kide izatea, diruz laguntzea edo erakunde armatuaren dirua zuritzea leporatuta, bost auzipetuen aurka hamabi eta hamalauna urteko kartzela zigor eskaerak egin zituzten herri akusazio Dignidad y Justicia eta AVT elkarteek. Fiskaltzak kasua artxibatzeko eskatu zuen urtebete lehenago. Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera garaian, hango Administrazio Kontseiluko lehendakaria zen Torrealdai —eta Jakin-eko zuzendaria, 1977tik—, eta, zehazki, hamalau urteko espetxealdia eta hamabosteko inhabilitazioa galdegin zuten haren kontra. Akusazio guztiak ukatu zituen Torrealdaik ere: «Gurea kristalezko etxea zen. Ez genuen ezer ezkutatzen, ez genuelako ezer ezkutatzeko». Harrituta agertu zen Egunkaria-k ETA finantzatzen zuela egozten zietelako. «Baina nola egingo genuen hori, hilaren amaierara iristeko gai ez baginen!». Era berean, ukatu egin zuen berak ere zentimorik jaso izana Administrazio Kontseiluan aritzeagatik. Absurdoa iruditzen zitzaion auzi hura ere: «Aktore izan nintzen, 1960-1970eko hamarkadetan, euskararen bateratze prozesuan; akusatuak izan ginen ETAkoak izateaz, H-a ETAren sinboloa zela eta euskara batua marxista zela eta. Gaur egun, azalpen horiek hutsalak dira, eta, Egunkaria-ren kasuan, perspektiba historikoarekin, gauza bera gertatuko da». Euskararen aldeko militantziak batzen zituen egitasmoko kideak, haren hitzetan, eta «obsesionatuta» zegoen kazetaren pluraltasuna, autonomia eta independentzia zaintzearekin, epaimahaiari azaldu zionez. Argi zeukan: bestela, ez zuen parte hartuko edo segituko proiektuan. Tortura Egunkaria-ren itxierako gaua: guardia zibil ugari Torrealdairen etxera ere, Usurbilen (Gipuzkoa), goitik behera armatuta; bertan dira Torrealdairen seme-alabak —hamar urtekoa bata, eta hamabikoa bestea—, eta metrailetekin apuntatu dituzte guardia zibilek. Egoerak markatu egin zuen: «Oso gauza izugarria izan zen; izugarria, seme-alaben aurpegian mina ikustea. Ni hor bertan lur jota geratu nintzen». Erasoa ez zen horretan geratu: «Gero nire materialen xahutzea etorri zen. Bilduta neukan material guztiaren bortxaketa. Milaka orri sakabanatu egiten zituzten, klipetatik atera egiten zituzten, desordenatu egiten zituzten... Une batean, idazkari judizialak esan zidan ‘zenbat paper duzun!’, nire errua izango balitz legez». Gehiago: «Lur jota segitzen nuen; hiru egun eta hiru gau zutik eduki ninduten, lo egin ezinik, paretaren kontra. Deklaratzera eramaten ninduten, ez dakit zenbat denboraz. Batzuetan, azkar. Jo egiten ninduten. Plastiko bat erakutsi zidaten, eta belarriraino eraman zidaten, mehatxu eginez». Guardia Zibilaren esku bost egun inkomunikatuta egin ostean, Torrealdai, Uria, Oleaga, Auzmendi eta Xabier Alegria baldintzarik gabe espetxeratzeko agindu zuen Juan del Olmo Auzitegi Nazionaleko instrukzio epaileak. Urte bereko martxoaren 14an utzi zuen aske Torrealdai, Auzmendirekin batera, hamabina mila euroko bermepean. Joxe Azurmendi pentsalariak epaiketan esan zuen lagunarekin egon zela espetxetik atera zenean. «Hunkituta al zegoen?», galdetu zion Torrealdairen abokatu Felix Cañadak Azurmendiri. «Negarretan zegoen, hiru orduz hitz egiten aritu zen, nik ahoa zabaldu gabe... Torturatu egin zutela esan zidan, baina amak [emazteak] erabaki zuela ezer ez esatea, haurrengatik…». Kartzelatik irten ostean, Torrealdaik tratamendu psikiatrikoa jaso behar izan zuen; «gutxienez, urtebetez; eta gero, noizean behin». Operaziotik hamabi urtera eman zuen atxiloaldiko —«infernua»— testigantzaren berri lehen aldiz jendaurrean: Baionako jardunaldi batzuetan, 2015eko apirilaren 11n. Dokumentu bat azaldu zuen, urte berean datatutakoa: «Usurbil, 2015.02.20. Atxiloketaren 12. urteurrena». Epaiketaren zain egondako urteak, epaiketa bera eta horrek guztiak ekarritako ondorioak ere esplikatu zituen Baionan, eta albiste bat eman: hezur-muineko minbizia zeukala. «Prozesu guztia izan da tortura: fisikoa eta psikologikoa. Eta horren guztiaren ondorioak orain ari naiz pairatzen. (…) Ez naiz sendagilea eta ez dut frogarik aurkeztuko. Nire minbiziak erroak non dituen, ordea, nik garbi dut, eta nire psikiatrak ere bai». Imanol Kerejeta zen haren psikiatra, eta berretsi egin zuen azalpena. Amaiera, handik 11 urtera Baionako testigantza eman zuenerako amaitua zegoen Egunkaria-ko auzi ekonomikoa ere: 2014ko urriaren 14an, Gipuzkoako Lurralde Auzitegiko 3. sekzioak artxibatu egin zuen. Han ere bazegoen auzipetua Torrealdai, beste zazpi kiderekin batera. Egunkaria-n auzipetuak izandakoek ekitaldi bat egin zuten handik hiru egunera, Martin Ugalde kultur parkean, eta Torrealdaik egin zuen hitzaldia. Eskerrak eman zituen, eta eskaera bat egin: «Ez ahaztu». 2010-02-01, Egunkaria-ren itxierako epaiketan, Torrealdairen azken hitza: «(…) Bi gauzatxo gehitu nahiko nituzke. Zazpi urte gure onetik kanpo pasatu ditugu, gure zeregin kulturaletik kanpo. Sozialki behartuta gure errugabetasuna demostratzen, ETAko kide edo laguntzaile izateko etengabeko susmopean. Bizitzeko gogorra izan da. Epairik gabeko zigor bat da. Birgaitzeko eskatzen dizuet. Gugatik, gure familiengatik, eta euskaragatik beragatik. Gogoratu nahi dizuet gaur egun gizonen batez besteko adina 77 urtekoa dela: hamar urte gelditzen zaizkit, eta nire familiarekin bizi nahi ditut, hark behar bainau, eta nire artxiboekin, behar baititut. Espero dut justizia egingo duzuela eta errugabetzat joko gaituzuela. Eskerrik asko entzuteagatik». 77 urterekin hil da Joan Mari Torrealdai. "article-argazkioina">Joan Mari Torrealdai hitzaldian, 2014ko urriaren 17an, Andoainen. JOAN MARI TORREALDAI [1942-2020] Gehigarri berezia PDFn | Artikulu bilduma | Iritzi artikuluak
2020-7-31
https://www.berria.eus/albisteak/185096/bi-pertsona-hil-dira-gaur-uretan-itota.htm
Gizartea
Bi pertsona hil dira gaur uretan itota
Urkuluko urtegian hil da bat, Aretxebaletan; bestea, Martzillan
Bi pertsona hil dira gaur uretan itota. Urkuluko urtegian hil da bat, Aretxebaletan; bestea, Martzillan
Bi pertsona hil dira gaur uretan itota. Urkuluko urtegian, Aretxabaletan, 25 urteko gazte bat hil da. Haren lagunek adierazi dute desagertu egin dela uretan; larrialdi zerbitzuak ahalegindu dira erreskatatzen, baina hilda azaldu da. Hainbat urpekari ibili dira gaztearen bila, eta helikoptero bat ere bai. Beste ezbeharra Martzillan gertatu da. 17 urteko gazte bat Aragoi ibaian bainatzen ari zela, hil egin da. Haren ondoan zeuden pertsonek adierazi dute ibaira salto bat egin ostean desagertu dela; antzuak izan dira hura erreskatatzeko ahaleginak ere.
2020-8-1
https://www.berria.eus/albisteak/185123/basamortuak-zeharkatzen.htm
Gizartea
Basamortuak zeharkatzen
Basamortuak zeharkatzen.
«Prentsa Euskaraz!» harrezkeroztik hamarkada eman genuen Argia-kook Euskal Prentsan hurrengo helburua genuen Egunkaria aldarrikatzen, amesten, diseinatzen eta prestatzen. Luzea izan zen 80ko hamarraldiaren zeharkaldia. Bukaera aldera, Argia eta Jakin hurbildu ginen lehendabizi. Elkar ondoren. Elkarren beharra genuen. Jakitun ginen Argia-koak. 1990eko abenduaren 6an Egunkaria argitaratu zenean, Editorial Kontseiluko arduraduna zen Joan Mari. Eguneroko zereginean erredakzioa zuzentzen genbiltzanok babesa behar genuen, eta babesa eskaini zigun. Honela, beste basamortu baten zeharkaldia hasi zen. Ekonomia larri, barne krisia piztuta, erakunde publikoen boikota, Joxemiren minbizia... gogorrak izan ziren sortu ondoko lehen urteak ere. Uste zuten eroriko ginela. Denbora kontua zela. Basamortuan urik gabe itoko ginela. Joxemi hil zenean, 93ko urtarrilean, elkarri begira geratu ginen Joan Mari eta biok. Zu ta ni, ni ta zu... Eta Martxelo topatu genuen. Egunkaria-k luzaroan izan zezakeen zuzendaririk egokiena. Jaurlaritzak ezarritako diru laguntza basamortuan jarraitzen genuen. Eta berriz ekin genion «diplomaziari» Joan Mari eta Martinekin. Bidea egin genuen, eta iritsi ginen 94ko akordiora. Bilera bakoitza prestatzeko, bazkaria eta bazkalondoa. Edota mendi ibilaldi luzeak. Indarraldiak eta txakalaldiak. Indarra buruan zela ikasi nion. Elkarrekin luze jarduten genuen, eta erraz konektatzen genuen. Bagenekien begiak luzera begiratzen jarri eta urratsak banan-banan egiten. Helburuak zehazten joan, eta erdietsi ahala berriak ezartzen. Azkarra zen, argia, zorrotza. Martin ohorezko lehendakari, eta Joan Mari lehendakari jarri zen. Euskaldunon Egunkaria onenean zegoen. Sekula baino irakurle eta iragarle gehiagorekin. Jauzi bat emateko prestatzen ari ginen. Orduan itxi zuten. Asko sufriarazi ziguten. Minbizia garatu zuen Inmak, eta hil egin zen. Bere buruaz beste egitera eraman zuten Pello, eta bere buruaz beste bat egin zuen. Minbizia Martxelok, eta gainditu egin zuen. Joan Mariri, ordea, hezurren muineraino sartu zioten minbizia. Torturak, kartzela... Beste hamarkada bateko basamortu luzean, Auzitegi Nazionalaren aurrean geure buruaren defentsan jardun behar izan genuen. Epaiketa nagusia eta ekonomikoa. Zalantzen eta beldurren itolarrian. Absolbitu gintuzten, baina errudun ginen. Egunkaria sortu egin genuen. Baimenik eskatu gabe. Bizi eta iraunarazi egin genuen.
2020-8-1
https://www.berria.eus/albisteak/185124/miraz.htm
Gizartea
Miraz
Miraz.
Urte asko dira behinola entzutez eta liburu-kazetetatik ezagutu genuen gizon hura lehenengoz aurrez aurre ikusi nuena. Laurogeita hamabia izango zen, Jakin-eko bulegoarekin partekatzen genuen korridore hartan. Atzera-aurrerako batean; hura honantz eta ni harantz, edo alderantziz. Agur soil bat besterik ez. Nire bizitzako egutegian ez dago egun seinalaturik horretarako. Hantxe izan zela. Mira nion euskaraz hain ederki egiten zuelako, nola ahozkoan hala idatzian. Ideia interesgarri eta niretzat berri haiek era lau ulergarri errazean adierazteko gauza izateagatik nion mira. Nik aditzeko hizkeran. Edonork gozatzeko eran. Aurreko urteetan Egunkaria-ren proiektuko «kide» izanagatik, ez genuen elkar ezagutu. Joan Mari makineria bururatzen eta gu tresna txiki bati eragiten ari ginen eta. Ikasten. Ahal genuentxoa ematen. Egunkaria-ren lehen urteetan ikasten, eta, ondokoetan, pasilloaren ilunpea zeharkatu eta gure txokora hurbiltzen zenean, Paulorekin edo Andorekin hitz egitera, gu belarriak erne: ikasten orduan ere. Zuzeneko harremanik ez artean. Erreferentzialtasuna. Mira nion idazle sasoiko hari. Beti lan eta lan ari zen hari. Zer proiektu ezinbestekotzat hain garbi zeukan intelektual hari. Begira egon barik, egin egiten zuen behargin hari. Herriaren laguntza eta bermeari hainbesteko fedea zionari. Hala ikusten nuen nik sasoi haietan. Handik urte batzuetara bildu ginen bigarrenez Egunkaria-ra, eta han jarraitzen zuen Joan Marik. Makineria ordurako dezente hobetuta eta olioztatuta ari zen. Martxa oso onean ziharduen; euskarazko kazetaritzaren habe nagusiak kokatua eta finkatua zirudien. Eta horrekin amets garrantzitsuenetako bat osatua eta betea ikusi zuen. Ziur naiz. Ondotik etorri zen ankerkeriaren lekukotasun neurrigabea jaso zuen, bere larruan. Ez daukat ahazteko Joan Mariren saminaren tamaina Jakin-eko bere bizi guztiko lana izan zenaz biluztu zutenean, eskuetatik kendu ziotenean, ezer gabe utzi zutenean. Betiko iltzatuta geratu zitzaizkion hori eta gau malapartatu hartan agur esatean etxekoen begiratua. Barrua erre zioten. Joan Marik utzi diguna ezin da neurtu. Bere legatua lan, idatzi eta izendapen-omenaldietatik harago doa. Bizitza kulturan uztartu eta kultura bizitzari lotzeko mira eman digu. Eta euskarazko kazeta batean sinesteko indarra. BERRIAren esker ona bera dagoen tokiraino iritsiko da, gaur eta betiko. JOAN MARI TORREALDAI [1942-2020] Gehigarri berezia PDFn | Artikulu bilduma | Iritzi artikuluak
2020-8-1
https://www.berria.eus/albisteak/185125/joan-mari-ez-adiorik.htm
Gizartea
Joan Mari, ez adiorik!
Joan Mari, ez adiorik!.
Agur modu horixe maite huen bereziki, Joan Mari, gure adiskide Manex Erdozaintzirengandik ikasia. Ez adiorik! Mendian hirekin ibili izan garenok edo ibili direnengandik jakin dugunok ezaguna diagu hire mendiko martxa: besteok baino indartsuagoa eta bizkorragoa izanik hi, eta mendi-bideetako gidari, aurreratu egiten hintzen mendian gora; eta besteok ahal genuen neurrian segika atzetik. Baina tarteka geratu egiten hintzen, eta atzekoen zain itxaron, berriro elkarrekin, taldean, nondik norakoa ikusi eta gailurrerako bidea erabakitzeko. Bada, horrelaxe ezagutu dizkiagu hire burubide eta jokabidea euskal kulturgintzako aldapan gorako igoera luze honetan ere. Heure ekimenez eta ekinez aurreratu haizenean hainbat egitasmo abian jartzeko, jakin izan duk itxaronaldia egiten, eta bilera antolatzen —bat edo gehiago—, proiektuaren norakoak elkarrekin aztertu eta eztabaidatzeko, taldearen proiektu, plangintza eta langintza bihurtzearren. Talde-lana predikatu diguk beti Jakin taldean, eta talde-lana antolatzen saiatu haiz. Beste gauza bat ere erakutsi izan diguk argi: euskalgintzaren eta euskal kulturgintzaren eremuak bere autonomia onean egin behar dituela bidea eta lana. «Euskara — Euskal Kultura — Euskal Herria» burubidetzat hartuta Jakin-en, autonomia eskatu eta zaindu izan duk arduraz: erakunde publiko nahiz alderdi politikoekin errespetu eta elkarlan egokian, baina bere bidetik. Eta asmatu egin dualakoan eta digualakoan gaudek. Heuk gidatu eta bateratu izan duk gainera Jakin laukote «historiko» hau azken urte luzeotan. Uste genian besteok hire aurretik joan behar genuela. Orain murriztuta gelditu duk taldea. Hiruron aldetik, bihotzez, ez adiorik, Joan Mari! Jaun-andreok, euskal kulturgintzaren alorreko langile eta gidari handietan handia joan zaigu, egile eta eragilea, bultzatzaile eta koordinatzailea: kazetari eta idazle oparoa, euskal kulturaren ikertzaile kritiko saiatua, euskal kultur ekimenen sustatzaile kementsua, euskal kulturako enpresa-zuzendari eta kudeatzaile eraginkorra; eta, euskaltzain urgazle gaztetatik eta euskaltzain osoa 2009tik aurrera, Euskara batuaren defendatzaile eta praktikatzailea, batasuna ofizialdu aurretik ere. Hori dena eta gehiago izan dugu Joan Mari Torrealdai. Betiere, Jakin aldizkaria eta proiektua bere ekimenen eta lanen ardatz. Ez adiorik! JOAN MARI TORREALDAI [1942-2020] Gehigarri berezia PDFn | Artikulu bilduma | Iritzi artikuluak
2020-8-1
https://www.berria.eus/albisteak/185126/bion-aulkia.htm
Gizartea
Bion aulkia
Bion aulkia.
«Ez nago hor, baina bai zurekin». Halaxe hasi zenuen Euskaltzaindian sarrera-hitzaldia egin nuen egunean bidali zenidan mezu hunkigarria. Zeuk esaten zenuen moduan, minikrisian zeunden egun haietan, «gaur bai eta bihar ez», eta ezezkoa izan zen egun hartakoa. Baina nirekin izan zinen Aretxabaletan, gurekin izan zinen, beti egon izan zaren moduan. Eta, orain ere, ez nago hor, baina bai zuekin. Ez zaude hemen, baina bai gurekin. Halaxe joan zara, baina ez gaituzu utzi. Mila istorio ibiliko ditugu ahotan egunotan, beti zu gogoan. Funtsezkoa izan zara, Joan Mari, Arantzazuko harria bezain sendo, euskalgintzan, kulturgintzan, herrigintzan, gintza askotan, baina bereziki langintzan eta lagungintzan. Horiek guztiak gogoratuko ditugu, Jakin, Euskaldunon Egunkaria, Euskaltzaindia, Euskal Bibliotekaren ametsa, zentsura, eta beste mordo bat. Guztietan bide-urratzaile, ereile nekaezina, bidean kolpe latzak hartuta ere inoiz etsi ez duzuna. Eredugarri beti. Ondo ereinda utzi dituzu alor guztiak, ongarrituta eta ureztatuta, aurrera egin dezaten. Egindakoaz harro joan zintezkeen, baina hori ere ez zenuen egingo, seguru, egiteko zenituenak buruan bueltaka ibiliko zenituen bukaera arte. Guk biok badugu, eta hala jarraituko du hemen naizen artean, partekatzen dugun zenbaki bat, eta aulki bat: Euskaltzaindiko 29. aulkia. Errespetu handia ematen zidan Torrealdai handiaren ondoko izendatua izateak, asko saiatuta ere inoiz ez naizelako zure laurdena izatera iritsiko. Baina horretan ere zure babesa eta goxotasuna izan nituen, beste behin erakutsi zenidan zure handitasuna ez zela akademikoa bakarrik, are handiagoa zinela lagun gisa. Ohorea izan da, Joan Mari, denbora laburregian izan bada ere, aulkikide izatea. Eta segituko dut bion aulkia zaintzen, zu ere hemen egongo zara eta, beti gurekin. Opari galanta izan da zu ezagutzea, betiko bihotzean bizi den opari horietakoa, esker onez gordeko dudana. Aspaldi ikasi nizkizun hitzekin esango dizut eskerrik asko eta beti arte. Ez adiorik, Joan Mari!
2020-8-1
https://www.berria.eus/albisteak/185127/elkarrekin-taldean-lan-egiten.htm
Gizartea
Elkarrekin taldean lan egiten
Elkarrekin taldean lan egiten.
Zure hitz berberak erabiliz, ez adiorik, Joan Mari. Zenbat amets eta proiektu partekatu ditugun zurekin Elkar Taldean. Hasiera-hasieratik izan zinen partaide, lehen urteetan sortzaile moduan eta gero gurekin elkarlanean. Zurea eta gurea ez ezik, Jakinen eta Elkar Taldearen arteko harremana beti izan da oso estua, elkar elikatu izan dugula esango nuke, batak bestea aitortu eta errespetatuz. Elkar Taldea Fundazio bihurtu zenean ere beste zenbait ekarpenen artean zureak ere hor izan ziren. Elkarrekin ikasi dugu taldean lan egiten, taldea sortu eta elikatzen. Balioetan oinarritutako taldea, Fundazioa, eratzen saiatu gara: euskal hizkuntzan eta kulturan zentraltasuna jarriz, gizartearen zerbitzuko, arlo soziala babestuz, berrinbertsioa gauzatuz, askatasunetik lan eginez. Balio horiek denak zurekin partekatu izan ditugu, Elkar Taldean zure engaiamendua handia izan da. Bertako lehendakaria izan zara, gaur egun lehendakariordea zinen, azken ordura arte gurekin lanean jarraitu duzu, nahiz eta ez izan indar handirik. Gogoratzen dugu zenbateraino arduratua zinen azken bolada honetan bizi dugun egoera larri honetaz, kezkatuta zein ondorio izango dituen euskal kulturarako. Egon lasai, Joan Mari, hartu atseden, Elkarrek eta Jakinek aurrera egingo dute, beste zenbait proiektuk bezala, hitzematen dizugu; elkarrekin jakin izan dugu taldeak osatzen, jende militante eta profesionalak dauzkagu alboan, ez dute huts egingo. Zure indarra beti izango dugu alboan, gogoan izango ditugu zuk irakatsitakoak. Joan Mari langile nekegabea zen, berea da esana: «Lana da niretzat osasuna». Azken momentura arte lanean jardun du, Elkarrek asko dio eskertzeko, Elkarrekin erabateko engaiamendua zeukan, eta Elkar zerbait bada, berari ere zor dio. Mila esker eta ez adiorik.
2020-8-1
https://www.berria.eus/albisteak/185128/bi-gezi-emankor.htm
Gizartea
Bi gezi emankor
Bi gezi emankor.
Badaukat bazterren batean galduta —ez, ordea, oroimenean— argazki bat; elkarrekin gaude Joan Mari Torrealdai eta biok. Andoainen dago aterata argazkia; 1969ko uztailaren hamabikoa izango zen arratsalde hura: Rikardo Arregiren hiletaren ondoren; Torrealdai, artean frantziskotarra, izan zen meza-emaileetako bat. Ez daukat gogoan noiz eta non ezagutu nuen Joan Mari, baina badakit Rikardo Arregiren bidez izan zela, Zeruko Argia-ko «Gazte naiz» atalean idazten nuenean, 1966. urte inguruan. Ordurako Jakin-ek bidea eginda zeukan, Esprit aldizkari frantsesaren arrastoan, eta ziklostilean-edo inprimatutako artisau-teknikekin. Gero, hurrengo hamarkadaren hasieran, etxean ere izan zen behin baino gehiagotan Torrealdai, bileraren bat egiten; esku artean izango genuen —batek daki zehazki zer— alfabetatze kanpaina, edo Euskaltzaindiaren D titulurako ikastaroak, edo Udako Euskal Unibertsitatearen hasiera, edo Elhuyar taldearena. Dena hasmentan zegoen orduan, betiere euskararen inguruko sorta zabalean. Joan Mari Torrealdai, gizaseme lerdena eta dotorea, begiak ñir-ñir eta ezpainak irribarre barean. Izan ere, ideia eta jokabideetan zeukan tinkotasuna maisuki uztartzen zuen jarrera irekiarekin eta hezierarik bikainenarekin. Dotorezia zuen ezaugarri horretan ere. Baita Euskaldunon Egunkaria-ren itxieran, poliziak eskuburdinak lotuta, gaizkile gisa, eraman zuenean ere. Bi gezi gurutzatzen dira Torrealdairen geografia bitalean: bata Arantzazurantz doa, frankismoaren basamortuan euskal munduaren abangoardia artistiko eta intelektualari bidea eta aterpea —eta hauspoa— eman zizkion gunera. Bestea, gure mugez haratago zuzendua dago, mundu zabalerantz. Eta hor bilatzen ditu Torrealdaik pentsamendua —hitzaren zentzu orobiltzailean—, pentsamendu garaikidea, euskaraz eta euskaratik lantzeko erreferentziak eta erremintak. Bere ondarea ez da berehalakoan agortuko.
2020-8-1
https://www.berria.eus/albisteak/185129/adiorik-ez.htm
Gizartea
Adiorik ez
Adiorik ez.
Entzun nahi ez nuen albistea jaso dut, Joan Mari. Enoratu nahi duguna, ordea, ez da desagertzen enoratze hutsagatik. Irakasgai hori erakutsi zenidan aspaldi. Mahai-ingurua partekatzen ari ginen Zentsura At! Censorship Festival-ean 2010ean. Zentsurak eragiten duen kalte politikoaz, sozialaz eta pertsonalaz ari ginen, eta laguna nuen Stein Torger kazetari norvegiarrak esan zidan elkarrizketa egin nahi zizula. Zuri galdetu eta baietz, baina ingelesez nekez, eta interprete lana egiteko. Nola ez. 2003an izandako Egunkaria-ren itxieraz galdetu zizun, luze eta zabal, eta poliziak eman zizun tratuaz. Martxelo Otamendiren eta Iñaki Uriaren testigantzak aipatu zituen kazetariak. Eta orduan hasi zinen deskribatzen, bare eta pausatu, zeu ere torturatu zintuztela. Kazetari hari azaldu zeniona ez nuen entzunda aurretik, zer egin zizuten eta nola sentitu zinen. Testigantza berri hura ingeleseratu ahala, eztarrian korapilatu zitzaidan, hitzekin batera, zure begietan ikusi nuen begirada. Hain hauskor, hain babesgabe, hain zaurgarri ikusi zintudan une hartan. Ezin ahaztu. Elkarrizketa amaitutakoan aurrez aurre gelditu ginen isilik. Zer esan. Ez dago hitzik. Eta zeuk, irribarre tristeaz esan zenidan liberazioa sentitzen zenuela. Denbora behar izan zenuela zeure buruari aitortzeko egia maltzurra, maltzurregia egia izateko. Bost urte beranduago aitortu zenidan, zenigun, oinaze ezkutu horrek eragin zizula min anker eta bizia, hezurretaraino sartu zitzaizun min bizia. Maite zaitugu, Joan Mari. Miresmena, errespetua, konplizitatea, elkar-elikatze intelektuala. Ez dut ahaztuko nola etorri zinen 1987an Txagorritxura, premiazko ebakuntzaren ondoren hilabeteko egonaldia eman nuenean ospitalean. Emakumea eta Literatura monografikoan parte hartzeko konbentzitu nahi ninduzun. Nola esan ezetz. Jakin-eko maskulinitate omnipresentea eta misoginia zantzuak urtetan kritikatu eta gero, ezin nuen besterik egin. 2014an erreleboa aurkeztu zenutenean, ordea, «ikusi duzu», esan zenidan, «emakume bat Jakin-eko zuzendari». «Eta nolako emakumea», esan nizun nik, «Lorea Agirre, floriturbo», ia-ia nerabea zela jarri genion ezizena. «Orain ezin leporatu misoginiarik, e, Laura?» esan zenidan irribarretsu, ziria sartu nahian. Irribarre alai eta maltzur hori da beti gogoan izango dudana.
2020-8-1
https://www.berria.eus/albisteak/185130/jmt.htm
Gizartea
jmt
jmt.
Joan Mari laguna joan zaigu. Aspaldiko lagun ona, adeitasunez entzun eta egoki erantzuten saiatua, gainontzekoen iritzien errespetu osoan berea maisuki azaltzeaz gain ezjakinari ere begirunez zuzentzen zitzaiona. Berarekin batera joan zaizkigu hitz-aspertu eta eztabaida aberats eta aberasgarrietarako aukera eder batzuk. Hori eta askoz gehiago. Duela 25 urte hasi eta gaurdaino asko ikasi izan dut Joan Mariren ikuspegi anitzeko jarreretatik: Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiari egin zizkion ekarpen bikainak sarritan irakurri eta gogoan hartu izan ditut; Euskaldunon Egunkaria-ren egoera eta etorkizunari buruzko eztabaidetan norbanakoenganako errespetua eztabaiden gordinetik salbuesteko zuen dotorezia aparteko lezioa izan da niretzat; Egunkaria-ren itxierarekin baterako atxiloketa eta osteko tortura gaiztoen berri emateko ordu latzean agertu izan zuen gizatasuna ere, bere gogorrean —egoera halakoxea baitzen— ahaztezina zait; harrezkero, zeharka edota zuzenean egin zitzaizkion babes-eskaintzak aztertu izan zituenean ere, bere barne-askatasuna lehenestea erabaki izan zuen, askatasun horixe baizen beretzat beste gauzen gainetik jagon beharreko ondasuna, duintasunaren oinarri eta euskarri gisa ulertuta. Hainbat gara Joan Mariren hutsuneak harrapatu gaituen adiskideak. Hainbat, euskal intelektual handi honekin zorretan garenak. Joan Mari Torrealdai Nabea XX. eta XXI. mendeak hartzen dituen azken 50 urteetako euskal intelektualik handienetakoa dugu. Euskal gizarteak, euskal unibertsoko komunitateak eta erakundeek halaxe aitortu diote: Lauaxeta eta Manuel Lekuona sariek eta Gipuzkoako Urrezko Domina ongi merezi izanda jasoak dira. Langile fina izanik, oparoa izan da idazlanetan; hainbat ikerketa eta saio eskaini dizkigu, EUSKAL izenburua dutenak denak. Soziologia, diglosia, historia edota pedagogia izanik lan arloak, intelektual handiei dagokien sakontasuna eta perspektiba anitza izan ditu etxeko markak. Altxor bikaina jaso dugu. Jagotea eta, ahal dugun neurrian, zabaltzea dagokigu. Handia da joan zaiguna. Zorionez, bere ondarea daukagu, kultur eta gizatiar ondare fina. Zorteko gara. Eskerrik asko, Joan Mari laguna. Adiorik ez!
2020-8-1
https://www.berria.eus/albisteak/185131/ez-adiorik-aita.htm
Gizartea
Ez adiorik, aita
Ez adiorik, aita.
Kaixo, aita. Goizeko bostak dira, orri txuri bat dut aurrean, eta milioika ideia buruan bueltaka. Zuk oso ondo ezagutzen duzun sentsazioa da hau. Ni, berriz, zu niretzat zaren guztia orrialde honetan laburbildu nahian nabil, idazteko abilezia gutxiz eta malkoei ezin eutsiz. Esan izan didate, nolako zura, halako ezpala esaerari helduz, nola den posible idazlearen semeari ez gustatzea idaztea edo irakurtzea... eta horrela da, bai. Baina orain, gure bizitzako memento zailenetako batean, hemen nago, boligrafoa eskuan, zu hainbestetan egon zaren moduan. Maite zaitugu, aita, joan zaitez harro. Aita izeneko mendi honetan gailurrera iritsi zara. Badira urte batzuk, gaitza dela eta, ezin izan dugula mendira joan, ezin izan dugula gailurra konpartitu, baina jakin ez dela mendirik egon eta ez dela egongo zutaz gogoratuko ez naizenik. Asko irakatsi didazu mendiaz, zure bizitzaren parte zen mendia, eta niri afizio hori maitatzen irakatsi didazu. Gogoan duzu Andatzara ilunpean joan eta ardi batzuen begiek eman ziguten sustoa? Ez dut inoiz ahaztuko. Ez dut ahaztuko Ezina dena Ekinez Egin daitekeenik edo aldapa handiak pauso txikiak eta asko emanez jaisten direnik ere. Gailurraren satisfazioa lortzeko lan egiten irakatsi didazu; mendiko lezioak ikasten nenbilelakoan, bizitzan ibiltzen ikasi dut. Mila esker, aita. Badakizu, hala ere, mendi guztiak ez direla xamurrak izan; azaldu dira otsoak ere. Baina borrokatu gara, beti borrokatu gara, zuk esaten zenidan bezala, «Torrealdai batek ez du inoiz amore ematen», eta erakutsi diguzu ongi ezetz! Eta, malko hauei eutsiz, orriaren amaierara iristen ari naiz, orria amaitzean azken urteetako maratoi honen amaierara iritsiko garen beldur eta penaz. Zoritxarrez, behin baino gehiagotan pentsatu dut amaieraz, badakigu inoizko lasterketa gogorrena egiten zabiltzala eta deskantsatu beharra ere baduzula. Baina ez dut nahi zu joatea, ez dut nahi hau izatea zuzenduko didazun azken testua, ez dut agurtu nahi. Ez dut, Imanolek dioen bezala, zu hiltzen zaren gauean lo lasai egingo, ez. Baina etorriko dira egunak lasai lo egingo dugunak eta bizitzari kantatuz mundua dantzan jarriko dugunak, zuk eman baitizkiguzu mila motibo kantatzeko alai. Harro egon, aita, oso harro egon, ezpal honek badaki-eta zer-nolako zura izan behar duen. Maite zaitut. JOAN MARI TORREALDAI [1942-2020] Gehigarri berezia PDFn | Artikulu bilduma | Iritzi artikuluak
2020-8-1
https://www.berria.eus/albisteak/185132/besarkada-handi-bat-joan-mari.htm
Gizartea
Besarkada handi bat, Joan Mari
Besarkada handi bat, Joan Mari.
Oraindik bizirik zaudela idazten dizut, Joan Mari, zure ibilbideak nigan utzitako arrastoen bila. Azkena, joan den astekoa da. Besarkada handi bat bidali nizun WhatsAppez astelehen iluntzean, eta zure izenean inguruko norbaitek bidalitako erantzuna jaso nuen, berehala eta ustekabean. Bizi zenuen egoeraz berehala jabetu nintzen. Euskal idazleak Eta lehen oroitzapena etorri zitzaidan gogora, aspaldikoa. 16 urte nituen Euskal idazleak gaur (Jakin, 1977) zure liburu ederra eskuratu nuenean. Ez da beste obrarik horrenbeste eta hainbestetan erabili dudanik esku artean. Garai bateko kronika da, baina balio handikoa, batez ere ikuspegi zabal batekin egina dagoelako. Sasoi hartan, mutiko batek ezagut eta mirets zitzakeen pertsonaien literatura-album moduko bat zen. Orduko literaturgintzako protagonisten berri zekarren, testuz eta argazkiz. Miretsita utzi ninduen eta urtetako bidelagun izan dut. Aurreko garai hondatuekin zubi-lana egin zuten pertsonaiez beterik zegoen, abiatu berri zen belaunaldi berri baten hastapenetan. Forua eta Euskaltzaindia Hurrengo oroitzapenak zure jaioterriko Forura narama. 2007. urtea zen, eta euskaltzain izateko hitzaldia irakurri zenuen zure parrokian. Oker ez banago, Euskal Liburutegiaz egin zenuen jarduna. Liburuen inguruan jorratutako zure bizitzan, Liburutegi Nazionalak garrantzi berezia zuen zuretzat, eta gogoeta interesgarria eskaini zenigun. Harrezkero, elkarrekin izan garenetan ere, liburuak, liburugintza eta liburutegiak izan ditugu mintzagai, izan fisiko edo izan digital. Buru-belarri jardun duzu azken urteetan ere proiektu horren inguruko lanetan. Eta bitartean, urtez urte, urteroko liburugintzak utzitako uztaren berri eman diguzu, hutsik egin gabe. Euskara eta euskaraz Euskararen militante izan zara, eta hor utzi dituzu jasoak, letraz eta moldez, euskarak historian zehar hartu dituen erasoen eta aurkako diskurtsoen erasoak eta testigantzak. Gaztelaniaz, gainera, norbaitek irakur nahi balitu! Baina bada beste konpromiso bat, hain agerikoa ez dena eta azterketa merezi duena. 2018an, Gipuzkoako Aldundiak Jakin taldeko kide izan zinetenoi eskainitako omenaldian (Joxe Azurmendi, Joseba Intxausti, Pablo Agirrebaltzategi eta zu zeu) zeuk hitzez adierazi zenuen. Ideologia eta motorra. Behar den bezala aztertu eta ikertu gabe dago, eta merezi luke azterketa, bertan mamitzen baitira euskararen inguruan eraiki zenituzten eta etengabe mantendu dituzuen gogoetak eta ideologiak. Askok uste baino eragin handiagoa izan dutelakoan nago. Jakin, Egunkaria, Euskara Batua Arantzazun ikusi zintudan azkenekoz, 2018an, Euskararen Batasunaren 50. urteurrena ospatzeko Euskaltzaindiak antolatutako biltzarrean. Zeuk eman zenion ahotsa euskarak bere historian izan duen erabakirik garrantzitsuenaren aldarriari. Euskarak komunikazioaren aroan behar duen presentzia eta gaitasuna beti izan dituzu gogoan. Etengabeko konpromisoa erakutsi zenuen Anaitasuna-n, Jakinen, Euskaldunon Egunkaria-n,... Konpromiso horrek une gazi eta mingotsak biziarazi zizkizun gainera, adibidez, Egunkaria-ren itxiera bidegabe eta bortxazkoan. Eta itxiera hark indarkeriarik okerrenaren atzaparrak ezarri zituen zugan, inoiz gertatu behar izan ez zuen modurik salagarrienean. Ez zaitut berriro ikusiko, Joan Mari. Ez dut berriro zure hitz gozorik entzungo, ezta zure gizonezko irudi segail eta atsegina begiz ikusiko ere. Baina gogoan dauzkat gorderik zuregandik ikasitakoak eta zure jokabidearen arrazoi ezkutuez galdezka jarraituko dut. Besarkada handi bat, Joan Mari. JOAN MARI TORREALDAI [1942-2020] Gehigarri berezia PDFn | Artikulu bilduma | Iritzi artikuluak
2020-8-1
https://www.berria.eus/albisteak/185133/joan-mari-joan-zaigu-nahigabe-bikoitza.htm
Gizartea
Joan Mari joan zaigu. Nahigabe bikoitza
Joan Mari joan zaigu. Nahigabe bikoitza.
Bai, joan zaigu, asko sufrituta. Gaixotasunak eta seguruenik gaixotasuna ekarri zioten bidegabekeriek eragindako sufrikarioak pairatu ditu. Lehenik eta behin, familiari eta lagunei bidali nahi dizkiet une honetan mindurik dudan bihotzetik nire doluzko goraintziak. Asko dira Joan Marirekin izandako harremanen oroitzapenak. Ezagutu, 1969an ezagutu nuen, Euskaldunen Alfabetatzearen inguruko konturen batekin. Geroztik Jakin, Elkar eta Euskaltzaindia izan dira batez ere gure harremanen topaleku. Gutxik bezalako formazioa zuen Joan Marik eta oso gutxik bezala eraman zuen bere jakinduria praktikara. Jakinduria modernoa zuen gainera. Kulturaren ikerketa soziologikoaren haize berriak ekarri zituen gure artera: Euskal idazleak gaur eta Euskal kultura gaur lanak dira, besteak beste, horren erakusgarri. Frankismoaren zentsura ikertzeko, gai horri buruzko dokumentazioaren bila, artxiborik ezkutuenetan murgildu zen. Bere ametsik maiteenetako bat Euskal Biblioteka Nazionala zen eta hori bultzatzeko ahalegin guztiak egin zituen. Zer esan, berriz, urtez urte, hainbeste urtean egin zituen euskal liburugintzaren analisiez, eta XX. eta XXI. mendeko euskal liburuen katalogoaz. Euskaltzaindian, kide ez ezik, bidaide ere izan ginen hainbat bider, auzokideak izan garenez, elkarrekin joan izan baikinen osoko bilkuretara, joan-etorrietan geure bilkura partikularra, konfiantzazkoa, eginez. Jarraituko nuke harekiko izan dudan estimua agertzen eta ez nuke bukatuko. Merezimendu handiko gizona, merezi ez zuen tratu ankerra jasan beharra izan duena. Agur, bada, Joan Mari. Ez gaituk zurtz utzi; hire eredua eta hire emaitza oparoak gurekin gelditu dituk.
2020-8-1
https://www.berria.eus/albisteak/185135/euskara-batu-kontatu-eta-biltzea.htm
Gizartea
Euskara batu, kontatu eta biltzea
Euskaltzaindian ere ibilbide oparoa egin zuen Joan Mari Torrealdaik. Euskara batuaren sustatzaile nagusietako bat izan zen hasieratik, eta, euskaltzain oso gisa, Azkue biblioteka eta artxiboko buru izan zen. Euskaltzain emeritua zen 2017tik.
Euskara batu, kontatu eta biltzea. Euskaltzaindian ere ibilbide oparoa egin zuen Joan Mari Torrealdaik. Euskara batuaren sustatzaile nagusietako bat izan zen hasieratik, eta, euskaltzain oso gisa, Azkue biblioteka eta artxiboko buru izan zen. Euskaltzain emeritua zen 2017tik.
«Joan Marik, batzordean egin dituen gauzez gainera, Euskaltzaindiari bere osotasunean eman digu kronista bat, lehen eskukoa eta luxuzkoa. Egiten ari ginenaren kronika egiten ari zen, eta aztertzen. Horretan eduki du ikuspegi osoago bat: Euskaltzaindiaren soziologia bat egina zuen, eta egiten segitzen zuen». Halaxe definitu du Lourdes Oñederra euskaltzain, kide eta lagunak Joan Mari Torrealdairen Euskaltzaindiko ibilbidea. Oñederrak ez zuen zuzenean harekin lan egin batzordeetan, baina gogoratu du haren ondoan zuela eserlekua bilera orokorretan, eta harekin batera egin zuela euskaltzain oso izateko urratsa, 2007an: «Normalean ez ginen ados egoten, baina oso ondo pasatzen nuen nik Joan Marirekin». Euskaltzaindiak 2005ean harturiko erabaki baten ondorioz sartu zen Torrealdai Euskaltzaindira. Izan ere, erakundeak erabaki zuen 75 urtetik gorako euskaltzainak emeritu izendatzea, eta gazteagoak sartzea akademiara. «Joan Mari Torrealdai izan zen emeritutasun horren ondorioz euskaltzain oso izatera iritsi zirenetako bat», azaldu du Andres Urrutia orduko eta oraingo euskaltzainburuak. Ez zen orduan hasi euskararen akademian lanean, ordea; ibilbide «oparoa» egin baitzuen urte anitzetan, Urrutiaren arabera. Hasieratik aritu zen euskara batuaren alde, Euskaltzaindian bertan zein Jakin-en, euskara batua praktikan jarriz. Euskaltzaindiaren 90. urteurrenean, Euskaltzaindia. Ekin eta jarrai liburua idatzi zuen Imanol Murua Uriarekin batera, 2009an. Eta Azkue biblioteka eta artxiboaren proiektuan buru-belarri aritu zen azken urteetan, horren arduraduna baitzen. Puntueus fundazioko presidente ere ibili zen, Euskaltzaindiaren ordezkari. Torrealdaik berak 2016an Manuel Lekuona saria jaso zuenean azaldu zuenez, 1960ko hamarkadan hurbildu zen Euskaltzaindira, bi «zio» tarteko: alfabetatzea eta euskara batua. Eta, hark oroitu bezala, haren kideek ere gogoan dute nola bultzatu eta defendatu zuen euskara batua, beti. 2018an Arantzazun egin zuten Euskaltzaindiaren azken biltzarrean, hari eman zioten azkeneko adierazpena idatzi eta irakurtzeko ardura: «Guztiok ulertu genuen norbaitek merezi baldin bazuen hori irakurtzea Joan Mari Torrealdaik merezi zuela, besteak beste Jakin-eko zuzendaria izan zelako, eta Jakin-ek beti eutsi ziolako Euskaltzaindiak harturiko euskara batuaren bideari». Hala gogoratu du Sagrario Aleman euskaltzainak ere: «Arantzazun egindako bilerarako adierazpena berak prestatu zuen, neurri handi batean. Noski, beste batzuek lagunduta, eta guztien oniritziarekin, baina bere gain utzi zen adierazpen hori egitea, lehen ere arlo horretan egin zuen ekarpena handia zelako, Euskaltzaindian eta Euskaltzainditik kanpo, euskararen, euskal kulturaren eta euskara batuaren inguruan». Arantzazuko 2018ko adierazpenean, kezka agertu zuten batuaren aurka zabaltzen ari ziren iritziekin. Belaunaldi berriei transmititzea jarri zuten erronka: «Haiei dagokie eskuratu dieguna osatu, hobetu eta hurrengoei transmititzea». Adierazpen hura baino 50 urte lehenago Arantzazun egindako biltzarraren eta Bergarako 1978koaren artean egin zuten euskaltzain urgazle, 1975eko ekainaren 27an. Baina aitzinetik hasia zen horretan lanean. 1964ko Baionako biltzarrean parte hartu zuen, eta 1968ko Ermuko eta Arantzazukoetan ere bai, ekarpena eginez: «Arantzazuko arauen betetze maila neurtzeko bi txosten prestatu nituen, 1968an gomendatu ziren arauak idazleek eta editoreek, bai liburuetan eta bai aldizkarietan, nola bete zituzten neurtzeko». 2007ko azaroaren 30ean egin zuten euskaltzain oso, artean Egunkaria-ren aurkako epaiketa egin gabe zegoela; eta 2017an, berriz, euskaltzain emeritu. Liburutegia eta artxiboa Euskaltzaindiko sarrera ofiziala 2009ko urriaren 31n egin zuen Torrealdaik, sorterrian, eta «euskal biblioteka nazionalaren aldarrikapena» egin zuen sarreran, Bibliografiatik Bibliotekara. Esperantzari leihoa hitzaldiarekin. Azkue biblioteka eta artxiboaren ardura eman zioten, eta argitalpen batzordeko kide ere izan zen. «Biblioteka eta artxiboa berrantolatzeko proiektu oso bat» egin zuela azaldu du Urrutiak. Alemanek dolu du haren asmoak bururaino eraman ezin izana: «Kartzela, gaitza, denak etorri zitzaizkion gainera». Biblioteka nazionalarena, berriz, «aukera galdu» bat izan zela azaldu zion Torrealdaik Berriari 2016an: «Instituzioek ez dute aintzat hartzen. Orain, gainera, badirudi ez dela modernoa. Nik dakidana da Mitterrandek Frantzian sekulako biblioteka egin zuela ez direla hainbeste urte. Zergatik? Haiek estatu zentzu bat daukatelako, eta badakitelako hori ere inportantea dela». Urrutiak oroitu du Anaitasuna aldizkarian ere aritu zela Torrealdai, eta hura ibili zela lanean Euskaltzaindiak aldizkariaren artxiboa digitalizatzea erabaki zuenean. Aldizkariaren historiari eta edukiei buruzko azterlan bat ere egin zuen. Jakintza zabaltzea maite zuela uste du Urrutiak: «Jakintza berarentzat gorde gabe, guztiontzako onuragarri ziren eta diren ekintzetara zabaltzen eta eramaten jakitun izan da». Euskaltzaindia berritzea Torrealdaik ideia «argia» zuen Euskaltzaindiari buruz, Urrutiak dioenez: Euskaltzaindiaren «eraberritzea». Baina ez bakarrik egituraren ikuspegitik, «ezpada berak eskaintzen dituen zerbitzu eta emaitzen aldetik: Euskaltzaindia gaurkotzea, Euskaltzaindia gaurko premien arabera kokatzea». «Ikusten zuen Euskaltzaindian hainbeste gauza berritu beharra!», berretsi du Alemanek. Oñederra: «Nik uste dut oso ikuspegi ona eta konstruktiboa zeukala: oso leial eta zintzoa iruditzen zitzaidan». Haren «xalotasuna» nabarmendu du Alemanek: «Bereizezinak dira egin dituen lanak eta jende guziarekin nola aritu den, berehala prest baitzegoen laguntzeko. Euskaldun guziendako zoritxarra da horrelako pertsona bat galtzea». JOAN MARI TORREALDAI [1942-2020] Gehigarri berezia PDFn | Artikulu bilduma | Iritzi artikuluak
2020-8-1
https://www.berria.eus/albisteak/185136/ateak-ireki-eta-hormak-gainditu.htm
Gizartea
Ateak ireki eta hormak gainditu
Euskaldunon Egunkaria-ren proiektua sorreratik bertatik babestu zuen Joan Mari Torrealdaik, eta Egunkaria Sortzen taldean aritu zen, egitasmoarentzako sostengu bila. Gerora Administrazio Kontseiluko kide gisa Torrealdaik egindako «diplomazia lana» goraipatu dute orduko lankideek.
Ateak ireki eta hormak gainditu. Euskaldunon Egunkaria-ren proiektua sorreratik bertatik babestu zuen Joan Mari Torrealdaik, eta Egunkaria Sortzen taldean aritu zen, egitasmoarentzako sostengu bila. Gerora Administrazio Kontseiluko kide gisa Torrealdaik egindako «diplomazia lana» goraipatu dute orduko lankideek.
«Garaia da. Ordua da. Orain da». Hala zioen Joan Mari Torrealdaik Gaur irekiko ditu ateak dokumentalean (2015), Euskaldunon Egunkaria-ren sorreraz galdetuta. Erabat sinetsita zegoen euskarazko egunkari nazionala egiteko garaia zela hura: «Eztabaida utzi, eta egin dezagun». Torrealdairen moduan, beste hainbat euskaltzalek ere bat egin zuten proiektuarekin. Tartean izan ziren Imanol Murua Uria kazetari eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea, Nerea Azurmendi kazetaria, eta Txema Auzmendi kazetari eta jesuita. Gogoan dute 1980ko hamarkadaren amaieran eta 1990ekoaren hasieran egindako lan eskerga. Batzuek erredakzioan, beste batzuek bideragarritasun ekonomikoa antolatzen, eta beste batzuek «diplomazia lanetan». Nagusiki zeregin horretan aritu zen Torrealdai, «pixkanaka horma lodiak hausten eta ateak irekitzen». 1980ko hamarkadaren amaieran, Argia aldizkariaren bueltan sortu zen egunkariaren proiektuaren gaineko gogoeta. Unibertsitatetik irten berria zen orduan Murua, baina Argia-n kolaboratzen zuen ordurako, belaunaldi bereko beste hainbat kazetarirekin batera: «Denbora gutxi generamala, ohartu ginen egunkariaren ideia oso serio hartua zutela, egunkaria martxan jartzeko garaia zela erabakia zutela... Tokatu zitzaigun momentu egokian leku egokian egotea, beste batzuek pentsatu zutena martxan jartzeko». Egunkaria sustatzeko taldean zeuden Pello Zubiria, Iñaki Uria, Josu Landa eta Joxemi Zumalabe bera. Aldizkariko talde hark, ordea, ondorioztatu zuen beharrezkoa zela talde sustatzaile indartsuago eta zabalago bat sortzea proiektuari babesa emateko, eta, asmo horrekin, 1989ko azaroaren 1ean bilera bat egin zuten Donostian, EKB Euskal Kulturaren Batzarreak deituta. Bertan parte hartu zuen Torrealdaik —Jakineko zuzendaria zen, eta beste zenbait taldekide ere izan ziren bilera hartan—. Hilabete geroago, berriz, Durangoko Azokan, Euskaldunon Egunkaria izango zenaren oinarriak finkatu zituzten, eta 1990eko urtarrilaren 21ean aurkeztu zuten Egunkaria Sortzen taldea, proiektua bultzatzeko ardura hartu zuena: «Hor ikusi zen Torrealdaik hartu zuela protagonismoa. Hor sortu zen proiektu osoaren motorra, gerora Administrazio Kontseilua izan zena: fronte diplomatikoa», nabarmendu du Muruak. Auzmendi eta Azurmendi, biak izan ziren Egunkaria Sortzen-eko eta Administrazio Kontseiluko kideak. «Garai hartan, emakume gazte batentzat ohorea zen une horiek partekatzea Martin Ugalderekin, Joan Mari Torrealdairekin, Txema Auzmendirekin...», kontatu du Azurmendik. Auzmendi ere oroitzen da Euskal Herriko hainbat herritan ibili zirela eragileetako eta erakundeetako ordezkariekin biltzen, proiektuarentzat babesa lortzeko. Ate joka eta sostengu bila Herrietan egunkariaren aldeko batzordeak sortu ziren, baina topatu zituzten hainbat oztopo bidean: «Oso zaila zen garai hartan. Mesfidantza handia zegoen», dio Muruak. «Ustez Torrealdaik gertu zituen euskalgintzako zenbait kideren aldetik ere bai. Berak esaten zuen sinesten zuela erabat gure proiektuan, eta gogorrak egiten zitzaizkiola han eta hemen ikusten zituen mesfidantzak». Oroitarazi du, gainera, Eusko Jaurlaritzak garai hartan bazuela euskarazko egunkari publiko bat sortzeko proiektua, eta talka izan zela hori: «Gu beste proiektua ginen, Jaurlaritzarena ez zena». Azurmendik uste du «bermea» izan zela prozesuan Torrealdai, Auzmendi, Ugalde eta Zumalabe —beste batzuen artean— alboan edukitzea: «Haien lana erabakigarria izan zen. Hori gabe ere bazuen sinesgarritasuna, baina sendotasuna eta bermea ematen zioten proiektuari». Muruaren ustez, Jakinek zuen «mundu ikuskera» eraman zuten Egunkaria-ra: «Jakinen izpiritu oso irmoa zeukaten: kulturgintzak autonomiarekin jokatu behar zuela. Gurera ekarrita, guk kazetaritza independentea genuen». Ez zuten berehalakoan babes instituzionalik lortu, ordea. Nolanahi ere, proiektuak ez zuen atzera-bueltarik ordurako. 1990eko uztailaren 15ean jaialdi bat egin zuten Donostiako belodromoan, eta orduan argitaratu zuten zero zenbakia. Handik ia bost hilabetera kaleratu zuten lehen zenbakia, abenduaren 6an. Eta, biharamunean, hurrengoa. Euskaldunon Egunkaria martxan zegoen, horrenbestez. Bidean nola egin aurrera Eguneroko martxan batzuk eta ate gehiago irekitzeko asmotan besteak, bidean hasi zen Euskaldunon Egunkaria. «Harrigarria da zer konfiantza ematen ziguten», dio Muruak: «Pentsatzen genuen: ‘Hauek ere gurekin daude’». Azurmendik gehitu du «ongi pentsatutako» proiektua zela Egunkaria-rena, eta Torrealdairen rola nabarmendu du: «Askoren aurretik joateko gaitasuna izan du». 1994an lortu zuten aurrenekoz Jaurlaritzak diru laguntza ematea: «Errekonozimendu txiki bat izan zen», dio Muruak. Auzmendiren ustez, «konfiantza handia» ematen zuen Torrealdaik: «Bazekien nondik jo, nola egin...». Gerora ere eutsi diote Administrazio Kontseiluan aritu zirenean sortutako harremanari: «Aho zabalik begiratzeko modukoa zen». 2003ko otsailaren 20an itxi zuen Guardia Zibilak Egunkaria, eta harekin izan zen zeldan Auzmendi. Egun haietan eman zion babesa ere ondo gogoan dauka. Hasieratik bukaeraraino «eskuzabala» izan zen Torrealdai. JOAN MARI TORREALDAI [1942-2020] Gehigarri berezia PDFn | Artikulu bilduma | Iritzi artikuluak
2020-8-1
https://www.berria.eus/albisteak/185137/euskaratik-herria-egiteko-plaza.htm
Gizartea
Euskaratik herria egiteko plaza
Ia 60 urteko bidea egin du Torrealdaik Jakinen. Aldizkaria izan dute ikur nagusi, eta Torrealdai bera izan zuen zuzendari 42 urtez, 2014 arte. Haragokoa da, ordea, Jakineko kide historikoen ekarpena eta itzala: itsasargi izan dira hamarkadetan.
Euskaratik herria egiteko plaza. Ia 60 urteko bidea egin du Torrealdaik Jakinen. Aldizkaria izan dute ikur nagusi, eta Torrealdai bera izan zuen zuzendari 42 urtez, 2014 arte. Haragokoa da, ordea, Jakineko kide historikoen ekarpena eta itzala: itsasargi izan dira hamarkadetan.
Lekukorik jaso gabe hasi ziren oinez, bidea urratzen. 60 urte baino gehiagoko bidea osatua du Jakinek, nahiz eta urte horietako batzuetan zentsurak isilarazirik egon. Taldearen arima izan da Joan Mari Torrealdai: aldizkariaren zuzendari aritu zen 42 urtez, 2014ra arte, eta Jakin talde historikoko kide izan zen Joseba Intxaustirekin, Joxe Azurmendirekin eta Paulo Agirrebaltzategirekin batera. Jakin fundazioko lehendakaria izan da azken urteotan. Euskaratik herria egitea, kultura ardatz hartuta. Horra Jakinen jomuga. Torrealdairen ekarria ezinbesteko akuilua izan du zeregin horri heltzeko. Aldizkaria da Jakin, baina hori baino askoz gehiago ere bai. Taldea Arantzazuko santutegiko (Oñati, Gipuzkoa) frantziskotarren inguruan jaio zen, 36ko gerraren ondoren euskarak zeukan babesleku nagusian. «Hango ikasleen kontua izan zen: 1956an Euskaltzaindiaren gerraosteko lehen biltzar irekia izan zen han, eta bertako gazte frantziskotarrek erabaki zuten zerbait egiten hasi behar zutela», gogoratu du Intxaustik. Ordurako prestatu zuten aldizkariaren lehen zenbakia, eta bertan agortu zen. Hori izan zen Jakin-en lehen jaiotza. Beste asko izan baititu, garaian garaira egokituz eta berrasmatuz joan delako. «Urte asko izan dira, gorabehera asko, eta guztiari erantzun behar izan zaio, bide berriak asmatuz», adierazi du Intxaustik. Torrealdai 1963an sartu zen Jakinen. 2016an Eusko Ikaskuntzarentzat eginiko memorian jaso zuen Jakin «beren plataforma propiotzat» zutela gerraosteko belaunaldiek, eta bera heltzerako «izena eta izana» zituela taldeak. 1967an aldizkariaren zuzendaritza hartu zuen —aritua zen aurrez ere, 1964an—. Hala azaldu zuen egoera: «Jakin zer zen? Mantxeta bat eta harpidetza mordoxka bat. Ez bururik ez gorputzik zuen, ez zuen lantalderik ez egiturarik». Planteamenduak aldatzen hasi ziren: aldizkaria sekularizatu zuten, hiritartu, eta gaiak aldatu zituzten, gizartearen kezkei erantzunez. «Joan Marik komentu eta eliza girotik kanpoko proiekzioa egin zuen», dio Intxaustik. «Ekarpen hori hari zor diogu zuzenean». Torrealdairen orduko zuzendaritza ez zen luzea izan, ordea: 1969an, Espainiako Gobernuak aldizkaria argitaratzea debekatu zuen. Urte zailak izan ziren. Kanpora jo zuten taldeko kide ugarik —Torrealdai bera Okzitaniako Tolosara joan zen, eta Parisera handik—. Intxaustik hartu zuen lekukoa 1970ean, «lankidetzari segida emateko» ahaleginarekin. Indartu egin zuten taldea, eta bide berriak urratu —besteak beste, handik sortu zen UZEI Unibertsitate Zerbitzuetarako Euskal Ikastegia—. Funtsezkoa izan zen Mila eta Pili Larrea ahizpen laguntza. Azpiegiturarekin lagundu zieten, eta beste lan batzuk egin zituzten: «Artikuluak makinaz kopiatu, liburuak argitaratu, bazkideen fitxei jarraipena eman, bidalketak prestatu...», azaldu du Mila Larreak. Ateak ireki zizkien: «Euskal kultura ezagutu eta euskara ondo menperatu genuen». Torrealdai 1975ean itzuli zen Euskal Herrira, eta Jakinera bildu zen, berriro. Beste bi urte joan ziren, ordea, aldizkariak argitaratzeko baimena jaso arte. Orduan hasi zen Jakin aldizkariaren arorik luzeena, etenaldirik gabekoa, Torrealdairen zuzendaritzapean. «Kultur, pentsamendu eta saio aldizkari kritikoa» izatea jarri zioten helburu Jakin aldizkariari. 1975etik 1977ra, Euskal Herrira itzuli eta Jakin argitaratu gabe egon zen urteetan, beste enkargu bat hartu zen Torrealdaik: Anaitasuna aldizkaria zuzendu zuen. Bizkaiko aldizkari hura «krisitik ateratzeko» zeregina hartu zuten Intxaustik eta biek. Jakin argitaratzeko baimena heldu zitzaienean utzi zuten Anaitasuna-ko lana. 1977tik 2014ra arte jardun zuen Torrealdaik zuzendari. Aurreko urteak zenbatuta, 42 urteko ardura, eta ia 60 urteko bidea Jakinen, aldizkariaren zuzendaritza uztean fundazioaren lehendakaritza hartu baitzuen. Lekukoa Lorea Agirrek hartu zion aldizkarian. Batasunaren aitzindari Aldizkaria izan du plaza nagusi Jakinek, baina handik haragokoa da haren ekarpena eta itzala. Euskararen batasunaren aldeko lana da nabarmenetako bat. Batasunaren bidea urratzen aitzindariak izan ziren aldizkarian. «Konbentzituta geunden erabat premiazkoa zela», kontatu du Intxaustik. Ez zen izan, hala ere, taldeko kide historikoek euskalgintzan egindako ekarpen bakarra: UZEI sortzea, Intxaustik euskararen historia sozialaz egindako lanak, Azurmendiren tesia eta argitalpenak, Agirrebaltzategi EKB Euskal Kulturaren Batzarrearen lehendakari jardutea, Torrealdaik liburugintzaz egindako azterketak eta Euskaldunon Egunkaria-n hartutako ardurak... Euskalgintzaren erdigunean egon zen Jakin taldea. Lan ugari digitalizaturik jarriak dauzkate herritar guztien eskura. Hamarkada luzeetan egindako bidearen aitortza jaso zuen laukoteak 2018an, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Urrezko Dominarekin: «pentsamenduan, kultur eragiletzan, argitalpengintzan, euskal kulturan eta euskara batuaren eremuan egindako lana» goraipatu zieten. Torrealdaik berak ekitaldian nabarmendu zuen aldizkari irekia egin zutela: «Jakin ez da izan pulpitu, ez katedra. Plaza izan da. Herriko plaza, gogoetaren plaza eta lankidetzarako elkargunea. Horregatik, pentsamenduaren geografia zabaletik hurbildu zaigu jendea». Euskara ardatz gisara hartuta lantzen zuten funtzio hori: «Euskalgintzaren zentraltasuna ez da eslogan hutsa. Gure proposamen nagusia da herrigintzaren eraikuntzan». JOAN MARI TORREALDAI [1942-2020] Gehigarri berezia PDFn | Artikulu bilduma | Iritzi artikuluak
2020-8-1
https://www.berria.eus/albisteak/185138/ezabaketaren-egiaztatzaile.htm
Gizartea
Ezabaketaren egiaztatzaile
Langile nekaezin baten erretratua erakusten dute Torrealdaik argitaratutako ikerketa lanek. Mugarri dira, esaterako, frankismoko zentsurari buruz idatzitako doktore tesia eta euskal liburugintzaren historiari egindako azterketa.
Ezabaketaren egiaztatzaile. Langile nekaezin baten erretratua erakusten dute Torrealdaik argitaratutako ikerketa lanek. Mugarri dira, esaterako, frankismoko zentsurari buruz idatzitako doktore tesia eta euskal liburugintzaren historiari egindako azterketa.
Liburuzale amorratua izanik ere, edo agian hain justu horregatik, liburugintzaren itzaleko aldean egin zuen ikerketa ibilbidearen parte handi bat Joan Mari Torrealdaik. Idazketari erreparatuz, noski, baina baita ezabaketari ere. Sakoneraino ikertu zuen frankismo sasoiko zentsura aparatua, esaterako, eta barruraino murgildu zen euskararen aurkako debekuen, irainen, aurreiritzien eta ukazioen munduan ere, lehenik El libro negro del euskera (1998) eta gero Asedio al euskera (2018) bildumak osatzeko. Liburugintzaren alde argia ere jorratu zuen, ordea, eta mugarri izan dira, adibidez, euskal liburuaren buelta osoa aztertzeari eskainitako bi lan monumentalak: Euskal Idazleak Gaur (1977) eta Euskal Kultura Gaur (1997). Torrealdai izan zen ordura arte uste eta lanbro zenari metodo soziologiko zehatz eta kontrastatuak aplikatu zizkion lehena, eta, horregatik, haren izena ezinbestekoa da euskal kulturaren ikerketetan. Horrek guztiak bilakatu du «autoritate», Juan Luis Zabala idazle eta kultur kazetariaren hitzetan, eta egindako lan «titanikoa» aitortu dio Mari Jose Olaziregik ere, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Literatura Departamentuko irakasle eta Memoria Historikoa Literatura Iberiarretan izeneko ikerketa taldeko zuzendariak. «Nola egin ahal izan zuen hori guztia berak bakarrik?». Behin eta berriz bueltatu da lehen galdera horretara Olaziregi, Torrealdaik egindako lanari buruz hizketan jardun ahala. Zentsurari buruzko lanaz ari da nagusiki, baina ez horretaz soilik: «Erabat hankamotz gelditu da zentsuraren gaia. Inork ez daki berak bezainbeste zentsurari eta zentsoreei buruz». Hori izan zuen doktore tesirako gaia. 1991n defendatu zuen, Deustuko Unibertsitatean, eta doktore izendatu zuten, cum laude kalifikazioarekin. Ezagun zituen zentsoreak lehenagotik ere. Frankismo betean, haren artikulu bat debekatu zuten lehenik, eta, gero, erabat debekatu zuten hark zuzentzen zuen Jakin aldizkaria argitaratzea ere. Torrealdaik berak azaldu izan duenez, tranpa moduko bat jarri zien zentsurak, eta erori egin ziren. «Gu erregimena zabaltzen ari zelakoan jardun ginen bi urtez, artikulu mota horiek publikatu eta publikatu. Eta zer gertatu zen? Bitartean haiek debekatzeko argudio bila ari zirela. Horren erakusletzat, papertxo bat aurkitu nuen Alcala De Henaresko artxibategian, zera zioena: ‘Darles cuerda para que ellos mismos se ahorquen (utzi soka libre, beren burua urka dezaten)’». Eta, hain zuzen ere, Torrealdai bera jo zuten debeku horien mekanismoak aztertzea izan zuen erronka akademiko nagusietako bat. Olaziregik eman du lan horren neurria: «Norbait desagertzen denean, beti azpimarratzen da zeinen langilea zen; ba, ez, Torrealdairen kasuan erabili beharreko neurria benetan makroa da». Unibertsitateko irakaslearen hitzetan, «basatia» izan zen Torrealdaik doktore tesirako egindako lana. «1986. eta 1990. urteen artean, Alcala de Henaresko Artxibo Orokorrean sartuta, piztiaren bihotzean, 2.000 espediente aztertu, eta haietako 1.500 sakon ikertu zituen, eta ikusgarria da, are, bi liburukitan banatuta, tesi horrek hartzen duen bolumena bera ere. Horrelako tesiak ez dira egiten. Hori ez du inork egiten orain. Ezinezkoa da». Urteekin, publiko zabalari hiru liburutan heldu zaio lan akademiko erraldoi hartan bildutako informazioa. 1998an eman zuen argitara lehena: La censura de Franco y los escritores vascos del 98. Hurrengo urtean kaleratu zuen bigarrena, La censura de Franco y el tema vasco izenburupean, eta 2000. urtean heldu zen Artaziak. Euskal Liburuak eta Francoren zentsura (1936-1983) liburua. Edonola ere, tesi osoa argitaratzeko asmoa azaldua du Elkar argitaletxeak. Gogoan izatekoa da liburugintzaren arloan sustatzaile rola ere eduki duela Torrealdaik: Elkar argitaletxea indartzeko egitasmoan parte hartu zuen 1974an —bi urte lehenago eratu zuten Ipar Euskal Herrian—, eta Elkar fundazioa sortzeko prozesuan aritu zen 1996an —patronatuan egon da ordutik—. Ez ziren urrats bakarrak izan: EIE Euskal Idazleen Elkartea 1969an eratu zuten, eta Torrealdai izan zen lehenbiziko idazkari nagusia. Eskuzabaltasuna nabarmendu dio Olaziregik Torrealdairi. Hori, hasteko. Lehenago ere bazuten elkarren berri; hitz eginak ziren behin baino gehiagotan, baina Olaziregik gidatutako ikerketa taldeko kideek literaturari eta zentsurari buruzko kongresu bat antolatu zuten 2018an, eta Torrealdairi omenaldia egiteko baliatu zuten, gertuko lagunekin eta hari abisurik eman gabe. «Zeharo hunkitu zen», gogoratu du irakasleak. «Urte luzez bakarrik aritu da alor horretan. Zentsurari buruzko ikerketek ez dute jarraipenik izan euskal akademian. Gure ikerketa taldean, 2016an eta 2017an hasi ginen lan horrekin, eta bien artean ez dago ezer». Eta horregatik haren hunkidura ere omenaldian. «Torrealdaik guk antolatutako kongresuan esan zuen bezala, zentsura ez zen bukatu Francoren heriotzarekin: zentsuraren aparatuak martxan jarraitu zuen 1983ra arte. 1975etik 1983ra arteko tartea ari gara orain ikertzen. Baina haren tesia da guztiaren muina. Lan ikaragarria da». Hutsune instituzional bat Gehiago ere bada, ordea. Literaturaren soziologia oso modan zegoen garaian, Robert Escarpit ikerlariaren metodo kuantitatiboa aplikatu zion Torrealdaik euskal liburugintzari, eta horren emaitza dira 1976an argitaratutako Euskal Idazleak Gaur eta handik hogei urtera kaleratutako Euskal Kultura Gaur liburukoteak. Bi lan horietan, ikuspegi zientifikotik aztertu zuen euskal liburugintza zertan zen. Kuantitatiboki. Ehunka idazle elkarrizketatu zituen, jo zuen argitaletxeengana, aztertu zuen merkatua, eta, penaz, baina etorkizuneko ikerlarientzat utzi zuen irakurleari buruz egin beharreko ikerketa. Euskal Herriko liburugintzari buruzko azterketa historikoa ere egin zuen, eta temati eutsi zion gaia ikertzeari gerora ere. Hutsik egin gabe aztertzen, zenbatzen eta interpretatzen zituen urte bakoitzean izandako euskal publikazio guztiak Jakin aldizkarirako. Eta bueltan berriz Olaziregiren galdera: «Nola egin ahal izan zuen hori dena berak bakarrik?». Eta berriz ere adjektibo bera: «Titanikoa». «Beste herrialdeetan lan hori ministerio baten menpe egoten da, eta atal oso bat egoten da datu horiek batzen eta aztertzen, baina hemen, pertsona bakar batek egiten zuen lan hori, aldizkari baten barruan aztertzeko». Torrealdairen azterketa horien zehaztasuna laudatu du Juan Luis Zabala idazle eta kultur kazetariak ere. Dioenez, «hutsune instituzional bat» salatzen du Torrealdairen ekimen hark, eta, horregatik, galdera ikur baten pean ikusten du orain etorkizuna. «Egingo al du inork orain Torrealdaik egiten zuen zerrenda? Ordainduko al du orain inork, merezi duen neurrian, lan hori guztia?». Langile «nekaezina» izan zela dio Zabalak, eta «fidagarritasun handikoa». Haren hitzetan, horrek bilakatu du autoritate, eta horregatik heltzen da orain haren itzala, baita gertu izan ez zutenenganaino ere. «Gazte zela egokitu zitzaion euskara gerraosteko giro ilunetik kulturaren argira zabaltzen hasi zen garaia bizitzea, eta horixe izan du burubide harrezkero. Bide horretan guztiek errespetatu duten erreferentea izan da, neurri handian berak ere errespetu handia erakutsi dielako beti berarekin bat ez zetozenei; are ikuspegi politiko batetik etsai zituenei ere. Dotorezia fisikoarekin guztiz bat egindako dotorezia intelektuala erakutsi du beti, eta amaierara arte eutsi dio horri, guztiz berezkoa zuelako. Eta igarri egiten zitzaion; transmititu egiten zuen». Kulturaren proletarioa Olaziregik dioenez, Torrealdaik eskura izan zuen unibertsitatera sartzeko aukera, eta ziur dago lankide «bikaina» izango zela, gainera. Baina ez zuen bide hori hautatu. «Torrealdairen kasuan, euskal kultura dinamizatzeko eta eragiteko egindako lana nabarmendu ohi da, baina arlo akademikoan egindako lana ere aitortzekoa da. Egin zezakeen karrera akademikoa, baina erabaki zuen euskalgintzan eta Jakinekin jarraitzea. Euskal kulturaren langiletzat zuen bere burua. Euskal kulturaren proletariotzat. Eta horixe izan zen». JOAN MARI TORREALDAI [1942-2020] Gehigarri berezia PDFn | Artikulu bilduma | Iritzi artikuluak
2020-8-1
https://www.berria.eus/albisteak/185142/joan-mari-torrealdai-lau-haizeetara.htm
Gizartea
Joan Mari Torrealdai, lau haizeetara
Joan Mari Torrealdai, lau haizeetara.
Joan Mari Torrealdairen lagun min Mikel Arrizabalagak bideo bat osatu du Torrealdairekin eginiko mendi ibilbideekin, euskalgintzari eta euskal kulturari emaniko guztiaz haratago, haren alde intimoago bat erakutsiz. Izan ere, mendia zuen pasioetako bat Torrealdaik. Bideoa laguntzeko, Xabier Amurizaren hitzak eta Imanol Larzabalen musika eta ahotsa uztartzen dituen Mendian gora haritza. Denera, mezu bat: «Ez adiorik, lagun!». JOAN MARI TORREALDAI [1942-2020] Gehigarri berezia PDFn | Artikulu bilduma | Iritzi artikuluak
2020-8-1
https://www.berria.eus/albisteak/185143/legebiltzarreko-mahaia-osatzeko-akordioa-erdietsi-dute-eajk-psek-eta-elkarrekin-podemosek.htm
Politika
Legebiltzarreko Mahaia osatzeko akordioa erdietsi dute EAJk, PSEk eta Elkarrekin Podemosek
EAJk presidentetza eta idazkaritza bat eskuratuko lituzke, PSE-EEk lehen presidenteordetza, eta Elkarrekin Podemosek bigarren idazkaritza. EH Bildurentzat izango litzateke lehen idazkaritza.
Legebiltzarreko Mahaia osatzeko akordioa erdietsi dute EAJk, PSEk eta Elkarrekin Podemosek. EAJk presidentetza eta idazkaritza bat eskuratuko lituzke, PSE-EEk lehen presidenteordetza, eta Elkarrekin Podemosek bigarren idazkaritza. EH Bildurentzat izango litzateke lehen idazkaritza.
Eusko Legebiltzarreko Mahaiko postuak banatzeko akordioa erdietsi dute bart EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek. Adostutakoaren arabera, jeltzaleentzat izango dira presidentetza eta lehen idazkaritza, sozialistentzat lehen presidenteordetza, eta koalizio morearentzat bigarren idazkaritza. Gauzak hala, EH Bildurentzat izango litzateke geratzen den eserlekua: bigarren presidenteordetza. Erabakitakoa gauzatzen bada, EAJk eta Elkarrekin Podemosek azken legealdian izan dituzten kargu berak izango lituzkete. Aldaketa PSE-EEk eta EH Bilduk izan dituzten postuetan egongo litzateke. EH Bilduko Eba Blanco de Angulo izan da lehen presidenteordea legealdi honetan, eta Txarli Prieto bigarrena. EAJk eman du albistearen berri, komunikatu baten bidez. Idatzian azaldu du mahaiaren «pluraltasuna» bermatzen duela akordioak, uztailaren 12ko hauteskundeetan boto gehien lortu zuten lau alderdiak ordezkatuta egongo direlako. Mahaitik kanpo geratuko dira, beraz, PP+Cs eta Vox. Adostutakoa erdiesteko, EAJko eta PSE-EEko ordezkariek beharrezko boto kopurua emango diote Elkarrekin Podemosen hautagaitzari, eta, trukean, Miren Gorrotxategi buru duen koalizioak zuri bozkatuko du presidentea eta presidenteordeak hautatzeko bozketetan. EAJk (31 eserleku), PSE-EEk (10) eta Elkarrekin Podemosek (6) Legebiltzarreko 75 eserlekuetatik 47 dituzte, gehiengo oso argia. Halere, sinatzaileek EH Bilduk akordioari baiezkoa ematea espero dute, «adostasun zabal» horretara gehituta. Koalizio subiranistak 21 ordezkari eskuratu zituen bozetan, eta mahaian bi kide lortzeko asmoa adierazia zuen: lehen presidenteordetza eta idazkaritzetako bat.
2020-8-1
https://www.berria.eus/albisteak/185144/joan-mari-torrealdairen-omenez.htm
Gizartea
Joan Mari Torrealdairen omenez
Joan Mari Torrealdairen omenez.
Mendeetakoa, latza gure ondarea erauzi eta arrastan daraman marea. Langile nekaezinak lan amaigabea, alerik ale bildu zenuen area. Euskara izan zedin jakintzaren mendu eta euskara jakintza eta pentsamendu. Ekinean egina denak jakiten du nola bilakatzen den area zimendu: Hezurdura bat hitzen mami beztuari eta arnasbideak arnas estuari Euskararen begiak mundu arrotzari, letrak eta papera gure ahotsari. Eraikiaz erantzun zenion bortxari. Ta ankerrek ta koldarrek ohi duten moduan, gauean, bizkarretik eta desorduan, gizon jakintsu baten bizitza onduan, kolperik bortitzena heldu zen orduan. Mina muinean sartu zizuten unetik ere eman diguzu ikaskizunetik. Zenbat jakintza doan zure hutsunetik... jarraituko ahal dugu utzi duzunetik! JOAN MARI TORREALDAI [1942-2020] Gehigarri berezia PDFn | Artikulu bilduma | Iritzi artikuluak
2020-8-1
https://www.berria.eus/albisteak/185145/joan-mari-gertuko-gizon-bat.htm
Gizartea
Joan Mari, gertuko gizon bat
Joan Mari, gertuko gizon bat.
Familiako harremana izan dut Joan Marirekin —bere bihotzeko lehengusinarekin ezkonduta nago, Maite Torrealdairekin—, baina estimuan, leialtasunean eta zeinek bestearen lanarekiko aitortzan oinarritutako harreman bat garatu genuen. Oso nabarmena izan da haren lana euskaltzale konprometitu, editore, historialari eta idazle gisa. Foruko Mosone baserrian jaio zen Joan Mari, Urberuaga auzoan; bi familiako baserria zen. Jolaserako lurraldea zuen auzoa, Urdaibaiko dorretxearen —Peregil gaztelua—, Atxetako kobazuloaren —Barandiaranek 1959an Paleolitoko harribitxi gisa katalogatu zuena— eta garai hartan zeharo zaratatsuak ziren eta Mosonetik ehun metro eskasera zeuden kareharrizko bi harrobiren artean —haietako bat, gaur itxita dago, nire aititerena zen—. Foruko eskola bateratuan ari zen lehen ikasketak egiten —orain udaletxea den eraikinean—, frantziskotarrek bere gurasoei —Jose, garai bateko bertsolarien kastakoa, eta Teresa— proposatu zietenean Arantzazuko mintegira joan zedin. 11 urte zituen. Joan Mariren etorkizuna oso ezberdina izango zatekeen gertakari hori gabe. Nekazari edo arotz trebe bat irabaziko genuen, baina ikertzaile euskaltzale handi bat galduko genukeen. Bizitzaren bidegurutzeak. Euskal kulturako handietako bat sortu izanaren ohorea sentitu izan du beti Foruko haren familiak, aldi berean umil, atsegin eta gertukoa zen gizon bat sortu izanaren ohorea. Foruak herriko liburutegiari eman zion bere izena, 1999an, eta hamar urte geroago, Joan Marik han ospatu nahi izan zuen bere bizitza profesionaleko egunik garrantzitsuena: euskaltzain oso inbestitu zuten eguna. Ez genuen ikusten nahi izango genukeen bezainbeste. Giputza bihurtu zen, Beatrizen matrimonio zoriontsuarekin eta bere seme-alaba zoragarri Garazi eta Manexekin, zeinak guztiz bat eginda egon baitira berarekin azkeneko hatsera arte. Maitasunez inguratuta joan da. Egunkaria-ren itxierak eta haren zuzendarien atxiloketak ekarri zuen bere ibilbide distiratsuaren ordaina. Frankismoak itxi ezin izan zuena —Jakin eta Anaitasuna—, demokraziak egin zuen —Egunkaria eta Egin—. Diktadurek zentsuratu, demokraziek klausuratu. Zibilizazioaren aurrerabideak. Absolbituak, duinduak, izan ostean, inork ez zien itzuli kultur enpresa bat hondoratzearen kalte ekonomikoaren eta ezta min fisiko eta moralaren ordaina ere. Familian badugu ziurtasun bat, bukaeraraino osotasun miresgarriz borrokatu duen minbiziaren arrazoiari buruz: trauma. Ankerkeria instituzionalaren historian agertzen ez ohi den bazterreko min bat. Pertsona zoragarria zen, sinesmen sakonak zituena eta beti positiboa zena. Gogoratzen naiz, Egunkaria-ri buruz EHUn idatzi genuen liburu baten tituluari buruz hizketan ari ginela, berak proposatu zuela: Egunkaria, amets baten egia (2000), nik iradoki nuen amesgaiztoa-ri buruzko inolako erreferentziarik gabe; horrela geratu zen. Nire harrotasuna da berarekin horren distantzia motzean tratua izana, eta errepresioa jasan zuenean bera defenditu izana. Eta haren lasaitasuna da BERRIAk Egunkaria-ren uberari jarraitu izana. Agur eta ohore, senide maitea! JOAN MARI TORREALDAI [1942-2020] Gehigarri berezia PDFn | Artikulu bilduma | Iritzi artikuluak
2020-8-3
https://www.berria.eus/albisteak/185146/euskalgintzak-agur-beroa-eman-dio-torrealdairi.htm
Gizartea
Euskalgintzak agur beroa eman dio Torrealdairi
Askotariko jendeak elkartu ditu Joan Mari Torrealdairen hil kaperak, euskalgintzan hamarkadetan egindako bidearen fruitu. Haren ekimena nabarmendu dute, eta taldean jarduteko zuen gaitasuna. Mina ere bai: Egunkaria ixteak eta torturek eragindako zauria. Legatua lantzea da oraingo erronka.
Euskalgintzak agur beroa eman dio Torrealdairi. Askotariko jendeak elkartu ditu Joan Mari Torrealdairen hil kaperak, euskalgintzan hamarkadetan egindako bidearen fruitu. Haren ekimena nabarmendu dute, eta taldean jarduteko zuen gaitasuna. Mina ere bai: Egunkaria ixteak eta torturek eragindako zauria. Legatua lantzea da oraingo erronka.
Goibela da: lainoa sartu du, ezkutaturik daude hain maite zituen mendiak. Grisa da. Isiltasuna da: herriko kaleetatik aparte, muino batean, isiltasuna da hilerria; inguruko ardien zintzarriek soilik ukitzen duten isiltasuna. Eta oroimena da: egun goibel eta isila, Joan Mari Torrealdai gogoratzekoa. Egin duen lana eta utzi duen ondarea eskertzekoa: euskararen, eta euskal kulturaren, eta Euskal Herriaren alde egindako ahalegin nekaezina goraipatzekoa. Egin zioten mina eta ekarri zioten kaltea ez ahaztekoa. Ostiral arratsean hil zen Torrealdai, minbiziarekin, eta Usurbilgo (Gipuzkoa) beilatokian jarri zuten hil kapera larunbat goizean. Askotariko jendeen topaleku izan zen, urteetan erein zuenaren fruitu. Gaur, igandean, 13:00ak arte egongo da irekita beilatokia. Bihar izango da hileta, Usurbilgo elizan, 18:00etan. Torrealdai 77 urterekin hil da, eta ia 60 urteko ibilbidea egin du euskalgintzan eta kulturgintzan. Forukoa (Bizkaia) zen sortzez, baina haren kultur bizitzan Arantzazu (Oñati, Gipuzkoa) da mugarria: 12 urterekin sartu zen hango seminarioan, 1954an, eta 1960ko hamarkadaren hasieran murgildu zen Jakin aldizkarian. Azkenera arte aritu da: «Bere gaitasun intelektualarekin egon da azken-azkenera arte, eta oraindik emateko zuen: ez da hilabete azken liburua entregatu zuela. Erabat aktibo zegoen». Lorea Agirreren ahotsa da, Jakin-eko zuzendariarena: orain sei urte eman zion erreleboa Torrealdaik, 42 urtean zeregin horretan jardun ondoren. Bost urte dira hezur muineko minbizia atzeman ziotela. Urteotan osasun gorabehera bat baino gehiago izan du, baina azken egunetan okertua zen haren egoera. Zaintza aringarriak ezarrita egon da etxean, eta senideak eta lagun gertukoenak agurtu ostean hil da. Egindakoa eta nolakoa Hil kaperak erakutsi du hamarkada hauetan zenbateko arrastoa utzi duen, nolako konplizitateak ehundu dituen, zenbateko itzala sortu duen eremu batzuetan eta besteetan. Osasun larrialdiaren eraginez, segurtasun neurriekin ireki dute beilatokia: besarkada eta esku estutze gutxi, aretoan jende kopuruak mugatuta, eta maskara jantzita. Begiradek bete dute besarkada eta ezpainen falta. Bideoa: beilatokiko goizeko irudiak eta adierazpenak. Denak maskara jantzita. «Baina Joan Mari bera ez zen mozalaren edo maskararen zalea». Hor Iñaki Murua bertsolariaren azalpena. Zentsura izan zuen ikergai nagusietako bat —azken bi liburuak ere horri buruzkoak argitaratu ditu—. Aztertu ez ezik, jasan ere egin zuen: Jakin 1969an isilarazi zuten, Torrealdai zuzendari zela. Zortzi urteko isilaldia izan zen, eta Torrealdairen etena Euskal Herrian: Tolosan (Okzitania) eta Parisen ibili zen ikasketetan. Ez zen Euskal Herriarekiko etena izan, ordea. Jakineko kideek eutsi zioten harremanari, eta Torrealdairen loraldia etorri zen 1975etik aurrera: Jakin, Anaitasuna, Elkar, liburugintzari buruzko lanak... Eta Euskaldunon Egunkaria, 1990ean. Arlo asko. Eta sakon. Egindako lanaz ez ezik, egiteko moduaz daude akorduan harekin aritu zirenak. Batetik, lan pertsonaletik harago, taldean jarduteko zeukan gaitasuna. «Lantaldeak sortzeko, proiektuak aurrera eramateko eta hori giro onean egiteko ezagutu dudan eredugarriena izan da», nabarmendu du Jakin-eko kazetari Xabier Eizagirrek. «Zuzendari eta kudeatzaile gisa» zeuzkan dohainak goraipatu du Jakineko talde historikoko partaide Paulo Agirrebaltzategik. «Handietan handia galdu dugu». Katea ere ezaugarri izan du: transmisioa. Olatz Osa, Elkarreko zuzendaria: «Herria ezagutu, maitatu eta eraikitzeko oinarriak oso garbi zituen eta transmititu zizkigun belaunaldi baten izarretako bat izan da». Egunkaria-ko transmisioa du gogoan Imanol Murua Uriak: «Bere ibilbidetik zekarren ikuspegi nazionala, pluraltasuna, kulturgintza politikaren autonomiatik egiteko ia obsesioa... Eskuzabaltasun handiz erakutsi zigun bidea, eta konfiantza eman». Transmisioa ezaugarri izan du lan guztietan, Andoni Sagarna euskaltzainaren arabera: «Intelektual osoa zen: gizarteari emateko gai izan da. Jakin du bere jakinduria aplikatzen Euskal Herriak behar zituen gauzetara». Eragindako zauria Euskalgintzan ia 60 urteko ibilia, eta Torrealdaik sektore batzuetako eta besteetako abegia lortu du: haren jokabide eredugarria goraipatu dute. «Harremanetarako dohaina zeukan, gertutasuna, eta horrek asko ekarri dio euskalgintzari: pertsona asko biltzeko ahalmena zuen», nabarmendu du Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok. Pentsamendua eta ekintzailetza, biak ziren Torrealdai, Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordearen ustez: «Ametsak behar dira, eta lan egin. Eta horretarako motibatzaile handia izan da». Euskalgintzaren ispilu, finean. «Hizkuntzaren normalizazioan euskalgintza ardatz dela, hau auzi politikoa dela, eta askotan esan zuena: ezina ekinez egina... Euskalgintzaren balioak islatzen zituen Joan Marik», dio Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok. Haren ekina goraipatu du Kike Amonarrizek, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak: intelektuala ez ezik, «euskaltzale aktibo eta konprometitua» izan dela. Konpromiso horretan zebilela egin zioten zauria, Egunkaria itxi eta torturatuta. «Sufrimendu injustua» ekarri du gogora Bakartxo Tejeriak, Eusko Legebiltzarreko lehendakariak. Jonan Fernandezek ere bai, Eusko Jaurlaritzako Bizikidetzako idazkari nagusiak: «Sufritu zuen bere konpromisoagatik, baina duintasun handienez eraman du beti. Erreferentea da». Pairatu zuen kaltea deitoratu du PSE-EEko ordezkari Eneko Anduezak ere: «Injustizia handia izan zen. Asko sufritu zuen. Euskaldunok zor hori ere badaukagu Joan Mari bezalako askorekin». Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak ere ekarri du gogora mina: «Ezagutu zuen Espainiako Estatuaren natura nolakoa den». Beilatokian izan direnen arteko solasaldietan maiz atera da hizpidera hori: min bidegabea jasan zuela. Izatez, Torrealdaik berak torturarekin lotu du hezur muinean azaldutako minbizia, heriotza ekarri diona. Jakin eta Egunkaria ekarri ditu gogora Agirrebaltzategik: «Euskalgintzak eta kulturgintzak jasandako zapalkuntzaren eta pertsekuzioaren ikur nagusietakoa da Joan Mari». Goibela da: iluna, euria. Isildu dira ardien zintzarriak muinoan. Badoa eguna. Baina argituko du egunak, legatua lantzeko egunak. «Nahiko nuke eskola liburuetan ikusi haren izena», esan du BERRIAko lehendakari Beatriz Zabalondok. Liburutegi Nazionalaren egitasmoa ere aipatu dute batek baino gehiagok. Agirre: «Gai izango ote gara haren figura errekonozitzeko eta behar duen onarpen eta maila nazionala emateko».
2020-8-1
https://www.berria.eus/albisteak/185147/nafarroako-gobernuak-989-milioi-euroko-plana-aurkeztu-du-berreraikuntzarako.htm
Ekonomia
Nafarroako Gobernuak 989 milioi euroko plana aurkeztu du berreraikuntzarako
Ezohiko kontseilu berezian onartutako egitasmoak, 190 neurri proposatzen ditu «eredu ekonomiko eta sozial berri baterantz»
Nafarroako Gobernuak 989 milioi euroko plana aurkeztu du berreraikuntzarako. Ezohiko kontseilu berezian onartutako egitasmoak, 190 neurri proposatzen ditu «eredu ekonomiko eta sozial berri baterantz»
«Bigarren Mundu Gerra geroztik, nazioartean izan den erronka instituzionalik, politikorik eta sozialik handiena da COVID-19a». Hitz arranditsu horiekin aurkeztu du gaur goizean, Nafarroako Jauregian, Nafarroa 2020-2023ko egitasmoa Maria Txibitek gobernuko lehendakariak. Planak 190 neurri jasotzen ditu, eta, Txibiteren hitzetan, datozen belaunaldiei begirako egitasmoa da: «Ez ditu soilik oraina markatuko, etorkizuneko zutarri sendoak jarriko ditu». Hurrengo hiru urteetarako, ia mila milioi euroko aurrekontua (989 milioi), izango du. Zenbateko horri berreraikuntzarako Europako Batasunetik zein estatutik etor daitezkeen funtsak gehitu behar zaizkiola zehaztu du gobernuak. Aurretik, parlamentuan berreraikuntza aztertzeko batzorde berezi bat osatu zuen, eta 126 proposamen egin zizkieten taldeek gobernuari, Nafarroa Suspertu planean jaso zitzan. Halaber, hilabeteotan, 211 talde, eragile eta elkarterekin mintzatu eta euren ekarpenak bildu dituztela dio gobernuak. Agiria mahai gainean delarik, irailetik aurrera, eragile politiko eta sozialekin mintzatu nahi du. Txibitek gobernuari, parlamentuari, eragileei eta gizarte osoari eskerra eman nahi izan dizkio: «Nafarroarentzat eta Nafarroaren eskutik egindako plana da». Nabarmendu du orain interes kolektiboa lehenetsi behar duela, bakoitzak bereari erreparatu aurretik. Pandemiak ekonomian eragindako muturrekoa galanta izan da, bigarren hiruhilekoko BPGren datuek islatzen duten bezala. Gobernuaren hitzetan, aurretik zituzten asmoak eta anbizioak «hauspotu» ditu egungo pandemiak. Gidalerro estrategikoen artean, aurretik jada aipatu izan diren erronkak zeuden: Ekonomia digital bateranzko eraldaketa, trantsizio ekologikoaren bizkortzea, gizarte kohesioa sustatzea, lurralde kohesioari eustea eta elkarbizitzan sakontzea. Lehentasunen artean, AHT Estrategiak zehaztuta, 190 neurri proposatzen dira, baina baita 46 lehentasun aipatu. Hona, bakoitzean, zerrendatzen diren lehentasunak. Ekonomia eraldatzeko prozesuan, COVID-19ak gehien erasandako enpreseentzako laguntzak proposatzen dira, «bideragarriak diren enpresen galerak eragozteko eta likidezia bermatzeko». Gainera, aipatzen da sektore estrategikoak bultzatzea, eraldatze digitala bizkortzea lurraldearen lehiakortasuna hobetzeko, Ikerketaren eta Garapenaren atalean Europan duen posizioa hobetzea, gizarte ekonomia eta ekintzailetza bultzatzea, edo enplegu aukerak hobetzea kontratatzeko laguntzak emanez eta prestakuntza indartuz. Azkenik, azpiegiturak eta garraio sistemak hobetu behar direla aipatzen da, eta hor sartzen dute Abiadura Handiko Trena. Trantsizio digitalari dagokionez, helburuen artean jartzen da energia kontsumo osoaren erdia berriztagarri bidezkoa izatea, eta horiek indartzeko beharra azaltzen dute. Aukeren artean dago, egungo parke eolikoen potentzia handitzea. Eraginkortasun energetikoa bultzatu nahi dute, tartean ibilgailu elektrikoak sustatuz edo alor horretan administrazio publikoa eredugarri bihurtuz. Eraikuntzaren atalean ere zaharberritze jarduerak bultzatuko dira. Ekonomia zirkularraren aldeko apustua ere aipatzen dute. Kohesio sozialari dagokionez, osasun sistema hobetzea edo errenta bermatuaren sistema indartzea jartzen du lehentasunen artean. Zahar etxeen arreta sisteman, «beste eredu bat» eraiki nahi dute. Egitasmoak dio zaintza gizarte baterantz doala eta menpekotasuna duten pertsonek zein zaintzaileek lehentasuna izan behar dutela. Gizon eta emakumeen arteko Aukera berdintasuna ere indartu nahi dute, «pandemiaren ondorioz zamen analisi zehatza eginez, berdintasun agenteen sarea zabalduz eta genero indarkeriaren aurkako borroka indartuz». Lurralde kohesioa eta Nafarroa egituratzeari begira, lehentasunen artean daude herritar guztientzako oinarrizko osasun zerbitzu iraunkorrak erraztea, tokiko ekonomia bultzatuko duten egitasmoak, Pirinioak eta beste eskualde batzuk biziberritzeko neurriak edo landa eremua gaztetzeko ekintzak. Elkarbizitzari begira, berriz, planak dio euskara «kohesiorako eta aniztasunerako faktore» dela berrestea, «euskara sustatzeko programak indartuz, gazteentzako eta haurrentzako edukiak sortzea bultzatuz eta administrazioan hizkuntz aniztasunaren alde apustu eginez». Gobernantzaren asmoak Gobernuak lehen urratsa egin du egitasmoa aurkeztuta, baina haren gauzatzea zein ondorengo pausoetarako gobernantza eredu bat planteatzen du. Batetik, gobernu barruko koordinazioa legoke: zuzendaritza talde bat legoke, lehendakari eta lehendakariordeek osatua eta gero departamentu arteko batzordearen eskuetan legoke lehentasunak identifikatu, baliabideak jarri eta haien jarraipena egitea. Bestetik, gobernutik kanpo «gizarte kontseilua» aipatzen da eragileen hartu-emanetarako. baina ez du zehazten Gizarte Elkarrizketaren Kontseilua den edo Gizarte eta Ekonomia kontseilua. Organoaren izena garrantzitsua da, ELA eta LABek lehengoa iraganeko ereduekin lotzen dutelako eta bigarrenean parte hartzen dutelako aspalditik. Horrekin batera Parlamentua eta udalak kontuan hartuko lituzke. Legebiltzarraren kasuan, komenigarri ikusten dute «planaren proposamen, jarraipen bilakaerarako eremu propioa izatea».
2020-8-1
https://www.berria.eus/albisteak/185148/laquoezker-independentista-indartsuago-dago-eta-operazioa-diseinatu-zutenak-ahulagoraquo.htm
Politika
«Ezker independentista indartsuago dago, eta operazioa diseinatu zutenak, ahulago»
Arnaldo Otegiren ustez, ezker independentistaren aurkako «estatu operazio bat» izan zen 'Bateragune auzia'.
«Ezker independentista indartsuago dago, eta operazioa diseinatu zutenak, ahulago». Arnaldo Otegiren ustez, ezker independentistaren aurkako «estatu operazio bat» izan zen 'Bateragune auzia'.
Bateragune auzian 2012an ezker independentistaren zenbait buruzagiren aurka ezarri zituen zigorrak baliogabetu zituen atzo Espainiako Auzitegi Gorenak, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak 2018ko azaroan kaleratutako epaiari men eginez. Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusiaren eta duela zortzi urte zigortuetako bat izan zenaren ustez, bere garaian egin zuten azterketa «berresten» du Gorenak ebatzitakoak, bai juridikoki, bai politikoki. «Gure aurkako operazioak ez zuen oinarri juridikorik; oinarri politikoak zituen. Gure kontrakoa estatu operazio bat izan zen». 2009ko urrian atxilotu zuten Otegi —ia zazpi urte igaro zituen kartzelatuta—, eta, orduz geroztik hamar urte baino gehiago igaro diren honetan, «irakurketa bat» egiten du: «Ezker abertzalea indartsuago dago, eta operazioa diseinatu zutenak, ahulago». Gorenak ebatzitakoari buruzko balorazioa egin du gaur Otegik, EH Bilduren egoitzan, Donostian, eta alboan izan ditu auzi hartan atxilotu zituztenetako bi: Rafa Diez eta Miren Zabaleta. Iñigo Iruin haien abokatuak ere parte hartu du agerraldian, eta jakinarazi du kalte-ordainak erreklamatuko dituztela. «Argudio juridikoetan luzatu gabe, nahikoa da sei urte eta erdiko kartzelatzea gogoraraztea», nabarmendu du Iruinek. Otegirentzat estatu operazio bat izan zen, eta azpimarratu du zein «helburu» zituen. «Uste dugu frogatuta gelditu dela helburu horiek zituela». Oroitu du orduan PSOE zegoela Espainiako Gobernuan. Operazioaren xedeetako bat zen, ezker independentistako buruetako baten ustez, orduan «ezker abertzalea markatzen ari zen estrategia aldaketa eragoztea. Beraz, bakearen aurkako operazio bat zen». Bigarren «helburua» zen estrategia horren aldeko «apustua» egin zuten «militante batzuk neutralizatzea, kartzelatzea, eta zirkulaziotik kanpo uztea». Hirugarrena, «ezker abertzalean zatiketa» eragitea. Eta laugarrena, Otegiren esanetan, «proiektu independentista eta ezkerrekoa deuseztatzea eta egiturarik gabe uztea». Hamar urte pasatuta, pentsatzen du «balantzea» egiteko garaia dela. Testuingurua zehaztu, eta gogoratu du duela hamar urte Patxi Lopez (PSE-EE) zela Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, «aprobetxatuz», besteak beste, «ezker abertzalea legez kanporatuta zegoela». Nafarroan, Yolanda Barcina (UPN) zen presidente. Eta 2020an egoera zein den azaldu du EH Bilduko koordinatzaile nagusiak. «Proiektu abertzale subiranista eta ezkerrekoa lehen indar munizipalista da Hego Euskal Herrian». Iruditzen zaio, gainera, proiektu hori «guztiz egituratuta» dagoela, eta «indarrak batzen» ari dela. Eta uste du Euskal Herriko zazpi probintzietan ari dela hori gertatzen. «Horren erakusgarri, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan udal hauteskundeetan edukitako emaitzak; bestetik, aintzat hartu behar da Nafarroan aldaketan jokatzen duen rola». EAEko legebiltzarrerako bozetan lortutako emaitzak ere izan ditu hizpide. Horregatik guztiagatik uste du «garaipen juridikoa» gertatu dela, bai, baina, Otegirentzat, «garaipen politikoa» ere martxan dago; «garatzen ari da» Euskal Herri osoan. Espainiako Estatuari eskaera «Hausnarketa bat» plazaratu du galdera baten bidez: «Noiz egingo du [Espainiako] estatuak apustu bide baketsu eta demokratikoengatik? Interpelatu egin nahi ditut». Eta beste galdera bat: «Noiz onartuko du frogak eraikitzen dituela eta kartzelatu egiten duela, eta tortura sistematikoki erabiltzen duela Euskal Herrian eta beste toki batzuetan?».
2020-8-1
https://www.berria.eus/albisteak/185150/joan-mari-torrealdai-bi-leku-arantzazun.htm
Gizartea
Joan Mari Torrealdai. Bi leku Arantzazun
Joan Mari Torrealdai. Bi leku Arantzazun.
«Aspaldi bizi izan zen norbait izango zara halako batean, eta lurrak gogoratuko zaitu basoek haizea gogoratzen duten moduan. Zure bakeak ez du mugarik izango». Elegia labur hau, poeta suediar batek lagun batentzat idatzia, Joan Mari Torrealdairi dagokio orain. Bizitzan 77 urtez ibili eta gero, Heriotzara abiatu zen herenegun, 2020ko uztailaren 31n. Euskara Jendea doluz dago ordudanik. Bere garaian, bizi izan zen 77 urte horietako hogeigarrenean-edo, Jorge Oteizarekin gertatu zen Torrealdai Arantzazun. «Nola liteke zu bezalako gizon eder bat fraide egin izatea?», galdetu zion tupustean. Oteizak, iruditzen zait, ez zuen begi bistakoa bakarrik ikusi Torrealdairengan, haren aurpegi klarua edota zein segaila zen, zein lerdena. Aura bat ere antzeman zion, seguruenik ere, halako argitasun bat, eta, konparazioan, kopetilunez betetako gizarte hartan, beti haserre, mikatz, zomorro ibiltzen zen, eta den, jendearen artean, mirari bat irudituko zitzaion: «Nola liteke…?». Zorionez, litekeena zen, eta haren irudia dugu orain beste oroitzapen eztiekin batera gordetzeko. Seguru nago, luzaro gogoratuko dugu denok haren irribarrea. Bizitzaren hasieratik bukaeraraino, hor hedatzen da gure lurralde nagusia, eguneroko bizitza. Lasai esan dezakegu une honetan, sentimendu goibel guztien gainetik: lurralde zabala izan da Torrealdairena, egun asko etorri zitzaizkion eskura. Ez zen bere ibilbidea azkar batean zapuztu, nola Rikardo Arregirena edo, lehenago, Lizardirena eta Lauaxetarena, eta lanean jardun zuen denbora guztian. Bere eskutik heldu ziren, hartara, hainbat egitasmo eta obra beharrezko, hala JAKIN aldizkaria nola literaturaren azterketa soziologikoak edo El libro negro del euskera eta Asedio al euskera bezalako liburuak, hurrengo belaunaldiek ere, seguru nago, erruz erabiliko dituztenak. Ez zen ordea bere ibilbidea horretan erabaki, egun arrunt eta lantsuetan. Hala izan balitz, Joan Mari Torrealdaik leku bat, bat bakarrik, izango zuen Arantzazun, eskola hartan koskortutako anaia berezien Goi Aretoan, Salbatore Mitxelena, Bitoriano Gandiaga edo Luis Villasanterekin batera; baina iritsi zen Egunkaria bortxaz itxi zuten eguna, eta, Euskara Jendearen begi harrituen aurrean —ez zen sinestekoa!—, atzeman egin zuten baldarki, gupida gabe, eta, ondoren, urtea joan eta urtea etorri, deskantsurik gabeko egoera batean eduki, Damoklesen ezpatapean. Tortura hotz bat izan zen hori berarentzat, aurrez nozitutako bortxazkoa baino are larriagoa. Gizaki asko erotu egiten da Botereak kolpea ematen dionean, bizitza gelditu bezala egiten baita harentzat, eta munduak, krudelkeria natural batez, aurrera segitzen baitu kolpatua atzean utzita. Torrealdai ez zen erotu, baina asko sufritu zuen, eta, sufrimenduarekin, bigarren leku bat hartu zuen Arantzazun. Gogoratu eraikinaren frontisa: hantxe dago Oteizaren Pietá, ama bat negarrez seme hila altzoan duela. Irudi horren baitan ere badago orain Joan Mari Torrealdai, ez bakarrik santutegiko Goi Aretoan. Zehaztuko dira Joan Mari Torrealdairen bizitzako gorabeherak etorkizunean. Orain, ordea, agurraren unea da. Batzuek protestatu egingo dute; beste batzuek, errezatu; nik, berriz, poeta suediarrak lagunarentzat idatzitako elegia hartuko dut berriro aintzat, zeren isiltasunaren hurrengoa iruditzen baitzait, hasperen bat, agur apala, Heriotzaren aurrerako egokiena agian: Aspaldi bizi izan zen norbait zara orain, Torrealdai, eta lurrak, zuk zure mendi botekin mila aldiz ukitu zenuen Euskal Herriko lur honek, basoek haizea gogoratzen duten moduan gogoratuko zaitu luzaro. Zure bakeak ez du mugarik izango. JOAN MARI TORREALDAI [1942-2020] Gehigarri berezia PDFn | Artikulu bilduma | Iritzi artikuluak
2020-8-1
https://www.berria.eus/albisteak/185151/mendian-gora-haritza.htm
Gizartea
Mendian gora haritza
Mendian gora haritza.
Adiskidearen etxera joan naiz, adiskidea agurtzera. Azken hitzak, azken irribarrea, azken begirada, azken besarkada… Hogeita lau urtean bizi izanakoak istant batean irudikatuz, elkarrekin pasatutako denbora laztandu nahiz. Denborak ez du noiz, baina eguna heldu da. Agur esateko eguna, oroitzapenetan murgiltzeko eguna, sentimenduetan bidaiatzeko eguna, ametsetan sinisteko eguna… denboran pausatzeko eguna. Itzuli naiz etxera. Terrazara atera, eta Aiako Harriari so geratu natzaio. Begiak umeldu zaizkit, begirada lausotu, eta ezin mendiaren silueta marraztu. Begiak itxi, eta nire erraietan begiratu dut. Bihotzean dut min, bihotzaren zati bat itzali zait, eta bidea galdu dut. Azken ibilaldia egin nahi bidaidearekin, eta ez dut xenda ikusten; azken maldetan indarrak ahitu arte gora egin nahi adiskidearekin, eta indarge sentitzen naiz; azken tontorretik euskal lurrak elkarrekin ikusi nahi, eta laino meheak estaltzen du nire begirada; bordaren ondoan eserita azken hitzak lagunarekin konpartitu nahi, eta ez da hotsik: isiltasuna da nagusi. Begiak ireki, berriro mendiari so egin, eta orduan oroit izan dut azken besarkadan hik esandakoa, «Mikel, libre sentitzen nauk». Libre, Lizardi poeta zarauztarraren Mendi-gaiña olerkiko hegaztia lez, maite hituen gailurretan gainik gain libre ibiltzeko, maitatzen hituen baso eta zelaien gain hegan libre egiteko, liluratzen hinduen euskal basamortuaren ilargi itxurako tolestura harrigarrietan libre ibiltzeko, hegoak zabalduz kostaldeko labar eta ertz zirraragarrietan abiada libre hartzeko, Orhiren gailurretik, bere mendean udazkenean milaka tonu ezberdinez jantzi eta kolorez lehertzen den basoaren ikuspegiaz libre gozatzeko… eta pausatu haiz. Basoak, aintzirak, oihanak, leizeak, karstak, arroilak, gailurrak, ur-jauziak, ibaiak, labarrak, haranak, larreak, flyschak, muinoak, ibaiak, errekak, bokaleak, padurak, lautadak, itsasadarrak, mendilerroak, basamortuak, lakuak, uharteak, iturburuak, gatzagak, hondartzak, osinak, arrailak… urrutira joan gabe, gure herri zahar hau zipriztintzen duten hamaika paisaia eder, gure euskararen herria maitatzeko hamaika arrazoi. Eta horiek guztiak elkarrekin gozatu ditiagu, Joan Mari. Eta naturaren txoko eder horiek guztiak izan dira gure adiskidetasunaren lekuko. Ezin ahaztu bidaia eder honetan hire familia, Beatriz emaztea, eta Garazi eta Manex seme-alabak. Hik esaten huen bezala, ibilaldi luze honetan, etapa guztietan alboan egon eta egoerarik zailenetan ere haiei esker bidean aurrera egiteko ezinbesteko sostengua eta arnasa. Agur esateko tenorea heldu zaidak Joan Mari, baina ez diat adorerik ez eta kemenik ere horretarako. Datorren urtean, Urtatsean, berriro Adarra mendian elkartuko gaituk eta, beherakoan, Imanol Larzabalen Mendian gora haritza abestia kantatuz, mihura sorta bana hartu eta, urtero lez, etxeko atarian eskegiko ditugu. Ez adiorik, lagun! Maite haut! JOAN MARI TORREALDAI [1942-2020] Gehigarri berezia PDFn | Artikulu bilduma | Iritzi artikuluak
2020-8-1
https://www.berria.eus/albisteak/185152/berriro-ere-berrehun-positibo-baino-gehiago-egun-bakarrean-255.htm
Gizartea
Berriro ere berrehun positibo baino gehiago egun bakarrean: 255
Bezperan baino 39 kasu gutxiago detektatu dituzte azkeneko 24 orduetan, baina berrehuneko langatik gora jarraitzen dute eguneko kasu berriek. Nafarroak osasun arreta indartuko du.
Berriro ere berrehun positibo baino gehiago egun bakarrean: 255. Bezperan baino 39 kasu gutxiago detektatu dituzte azkeneko 24 orduetan, baina berrehuneko langatik gora jarraitzen dute eguneko kasu berriek. Nafarroak osasun arreta indartuko du.
Ostiralean detektatu zituzten kasu positiboen berri eman dute Hego Euskal Herriko administrazioek, eta gaur berriro Bizkaian agertu dira kasuen erdiak: beste 128 positibo atzeman dituzte han; Nafarroan 55 kasu berri agertu dira; Gipuzkoan, 41; eta Araban, 29. Hego Euskal Herritik kanpo bizi diren bi pertsonari ere atzeman diete birusa. Guztira, 253 dira. Ostegunean 292 kasu berri agertu ziren, eta asteazkenean, 265. Azkeneko hiru egunetan, beraz, 810 kutsatu atzeman dituzte. Ostiralean 5.421 PCR egin zituzten Osakidetzak eta Osasunbideak. Testak egindakoen %4,7k eman zuten positibo, hortaz. Nafarroako Gobernuak iragarri du sendotu egingo duela arreta, ospitaleratzeak eta gaixo larriak ugaritu daitezkeelakoan. Kasuen agerpena egonkortzen ari dela uste du, baina badaezpada hartu du erabaki hori. Ostiralean, Nafarroan lau gaixo ospitaleratu behar izan zituzten, eta ordurako erietxean zeuden beste bi gaixo, berriz, ZIU zainketa intentsiboetako unitateetara eraman behar izan zituzten. Orain 36 pertsona daude Nafarroako ospitaleetan, horietatik hiru ZIUetan. Beste hiru etxean ospitaleratuta dauzkate. Sintoma arinagoak dituzten pertsonak ezartzen dituzte azken kategoria horretan. Nafarroan, Iruñerrian ari dira pilatzen kasu berriak. Soslaiari dagokionez, 15 eta 30 urte artekoak dira gehienak, eta gizonezkoak gehiago (%56). Bizkaian, berriz, Bilboko Back&Stage diskotekan dago jarria arreta. Uztailaren 18an dantzaleku horretan ibili zirenei PCR probak egiteko eskatu die Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, eta horretan ari dira azken bi egunetan. Ostiralean 234 PCR test egin zituzten Basurtuko erietxearen kanpoaldean jarri duten karpan, eta hamabi kasu atzeman zituzten bezeroen artean, eta beste bat langileen artean. Gaur, larunbata, beste 115 pertsonari egin dizkiete testak. Getxon (Bizkaia), berriz, salaketak eta istiluak izan dira. Ertzaintzak zabaldutako oharraren arabera, kalean edanean ari ziren pertsona batzuk sakabanatzen hasi zirenean, pertsona batek uko egin zion maskara jartzeari, eta beste bat identifikatu egin zuten, argudiatuta jende talde batek objektuak jaurti zizkiela ertzainei. Ostiraletik larunbaterako goizaldean gertatu zen.
2020-8-1
https://www.berria.eus/albisteak/185153/joan-mari-torrealdai-zaldun-bihoztoi-bat.htm
Gizartea
Joan Mari Torrealdai, zaldun bihoztoi bat
Joan Mari Torrealdai, zaldun bihoztoi bat.
Joan Mari Torrealdai euskararen eta euskaldunen zerbitzuko zaldun bihoztoi bat izan da. Borroka horretan ezagutu nuen gazterik, duela urte andana ederra, oraino frantziskotar anaidi horretan zegoela. Gero jantziz aldatu zen, haatik ez eginbidez. Euskarari bizia eman dio eguneroko lanetan. Sail horretan langile argia eta nekaezina izan da, bereziki kazetaritza konprometituan, baita liburugintza jakintsuan ere. Ber denboran gizon alaia, lagunkina, baikorra, oroitzapen eder asko uzten didana, eta naski ez niri soilik. Artetik aitor dezadala mendiaren maitasun handia konpartitzen genuela, bereziki Monte Perdidon batak eta besteak nor gure aldetik eginiko txangoak elkarrekin aipatuz. Penak eta doluminak araberan. Euskarari bizia eman diola erran dut. Osoki eman dio, eta hizkuntzaren bitartez Euskal Herriari, ezen borroka horrek azkenean bizia hartu dio, laburtu, azkenean kendu, ez lanak higatu duelakoan, maite den lan onak ez baitu higatzen, baina lan horren aurka jasan duen eraso maltzur eta bortitzak ezin sendatuzko zauri bat egin diolako. Egunkaria dakigun bezala etsaiak hetsi ondoren, Joan Marik berak bekoz beko salatu zigun etsai horrek zein gogorki kuestionatu zuen, eta nola tratamendu zital horren jarraian bere sakonean halako arraildura bat bezala sortzen sentitu zuen. Haatik ez zuen amore eman, ez zuen etsitu, eta bururaino jarraitu du lanean, euskararen zerbitzuko, Euskal Herriaren eta herritarren alde. Ohore beraz armarik gabeko gudari garbiari, borrokan azkeneraino eutsi duenari. Puska bat zaharrago naizen honek gogotik erran nezake, gezur izpirik gabe, goizegi joan zaigula. Haatik esperantza bihotzean erraten dizut Joan Mari laguna, deus ez da hor bukatzen, gure lanak ere darrai, eta ikus arte, betiereko Monte Perdidon.
2020-8-3
https://www.berria.eus/albisteak/185184/bakartxo-tejeria-aukeratu-dute-eusko-legebiltzarreko-presidente.htm
Politika
Bakartxo Tejeria aukeratu dute Eusko Legebiltzarreko presidente
Hirugarren legealdia du karguan. Ez da ezusterik izan, eta EAJren, PSE-EEren eta Elkarrekin Podemosen arteko itunak funtzionatu du.
Bakartxo Tejeria aukeratu dute Eusko Legebiltzarreko presidente. Hirugarren legealdia du karguan. Ez da ezusterik izan, eta EAJren, PSE-EEren eta Elkarrekin Podemosen arteko itunak funtzionatu du.
Uztailaren 12an egin ziren hauteskundeetatik atera zen Eusko Legebiltzarrak gaur ekin dio hamabigarren legegintzaldiari. Lehenengo saioan, aukeraturiko 75 legebiltzarkideek nork bere aulkia hartu dute, eta gero, Legebiltzarreko Mahaiko bost kideak aukeratzeari ekin diote. Espero bezala, Bakartxo Tejeria jeltzalea aukeratu dute legebiltzarreko presidente berriz ere, EAJren eta PSE-EEren botoei esker. Gainerako legebiltzarkideek boto zuria eman dute. Voxeko Amaia Martinezek ardura guztietarako aurkeztu du bere burua, eta guztietan boto bakarra lortu du, berea alegia. Mahaiko gainerako kideen hautaketan, EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek sinatutako akordioak ez du ezusterako zirrikiturik utzi. Txarli Prieto (PSE-EE) lehenengo presidenteorde izendatu dute, berriro ere EAJren eta PSE-EEren botoei esker, eta bigarren presidenteorde EH Bilduko Eba Blanco hautatu dute, bere taldeko botoei esker. Idazkariak aukeratzerakoan, EAJ-PSE blokeko lau legebiltzarkidek Elkarrekin Podemosen hautagaiaren alde eman dute botoa, itunean jasota zegoen bezala. Horren ondorioz, Iñigo Iturrate (EAJ) hautatu dute lehen idazkari, eta bigarren idazkaritza Elkarrekin Podemoseko Gustavo Angulorentzat izan da. Bakatxo Tejeriak, bere lehen hitzaldian, gogora ekarri ditu pandemiak utzitako biktimak, eta adierazi du horren ondorioen kontra borrokatzea «lehentasuna» izango dela hurrengo agintaldian: «Herri honetan bizi diren guztiek aurrera egin ahal izango dutela bermatu behar dugu». Oroitarazi du, era berean, aurten 40 urte betetzen direla Eusko Legebiltzarra eratu zenetik: «Gernikako estatutua onartu eta lau hamarkadatara oraindik osatu gabea da, eta gure autogobernua eguneratu beharra dago», adierazi du. Tejeriak ezarri du legebiltzarraren hurrengo batzarraren eguna: abuztuaren 6an izango da, eta Bateraezintasunen Batzordea hautatuko dute orduan.
2020-8-3
https://www.berria.eus/albisteak/185185/euskal-jatorrikoa-naiz-aitonak-akabatu-egingo-ninduke-espainiar-jatorrikoa-naizela-esango-banu.htm
Bizigiro
«Euskal jatorrikoa naiz. Aitonak akabatu egingo ninduke espainiar jatorrikoa naizela esango banu»
Jacob Elordi nerabeen aktore izarrak bideo bat argitaratu du, non berari buruzko Wikipediako artikulua zuzentzen agertzen baita, euskal jatorrikoa dela zehazteko.
«Euskal jatorrikoa naiz. Aitonak akabatu egingo ninduke espainiar jatorrikoa naizela esango banu». Jacob Elordi nerabeen aktore izarrak bideo bat argitaratu du, non berari buruzko Wikipediako artikulua zuzentzen agertzen baita, euskal jatorrikoa dela zehazteko.
Jacob Elordi aktore australiarrak harrabotsa sortu du asteburuan Tik-tok eta beste sare sozialetan, bere jatorriaren inguruko bide batekin. Sutan jarri ditu zale nazionalista espainiar asko, euskal jatorrikoa dela esateagatik, ez espainiarrekoa. Elordi (Brisbane, Australia, 1997), 23 urte besterik ez duen arren, nazioarteko izarra da dagoeneko. Pirates of the Caribbean: Dead Men Tell No Tales filmean hasi zen zinemagintzan, estra moduan. Baina berehala bereganatu zuen nazioarteko zuzendari eta estudioen arreta. Lehen ganorazko lana Australiako Swinging Safari filmean egin zuen. Netflixen The Kissing Booth (2018) komedia erromantikoan protagonista izan zen gero. Arrakastaren eraginez, istorioari jarraitzeko beste bi film ekoitzi zituzten hurrengo urteetan. Nerabeen munduaren argi-ilunak erretratatzen dituen Euphoria telesailean (HBO) Nate Jacobsena egiten du. Zale ugari lortu du aktoreak mundu osoan, batez ere gaztetxoen artean, eta horiei begira aritzen da sare sozialetan. Asteburuan, bere buruari grabaturiko bideo bat argitaratu du. Hor, berari buruzko Wikipediako artikulua zuzentzen agertzen da. Elordik berak irakurtzen du artikulua: «'Wikipedia': Elordi Brisbanen jaio zen, Queenslanden, Australian, 1997ko ekainaren 26an, John eta Melissa Elordi guraso zituelarik. Bi arreba ditu. Espainiar jatorrikoa da». Hor, geldiune bat egiten du bideoak, eta Elordi bera agertzen da kamerari begira. «Hori ez da egia: euskal jatorrikoa naiz», esaten du, enfasiz. «Hau da, Frantzia eta Espainia artean dagoen herrialde txiki horretakoa». Australiara emigraturiko euskaldunen biloba da aktorea, eta aitona gogoan hartu du bideoan: «Aitonak akabatu egingo ninduke jakingo balu espainiar jatorrikoa naizela esan dudala». Hitzekin ez ezik, ekintzekin ere erakutsi du Elordik bere jatorriari ematen dion garrantzia, eta Wikipediako artikulua zuzendu du. Adierazpenek haserrea eragin dute sareetan, hainbat espainiar nazionalistaren artean, eta horietako batzuk Elordiren zuzenketa kendu dute Wikipediatik. Baina aktoreak behin eta berriz editatu du entziklopedia, datua argi uzteko: «Euskal jatorrikoa da».
2020-8-3
https://www.berria.eus/albisteak/185186/angeluko-sutea-ez-da-laquojatorri-naturalekoaraquo-izan.htm
Gizartea
Angeluko sutea ez da «jatorri naturalekoa» izan
Inkesta bat abiatu du Baionako auzitegiak. Sua giza jatorrikoa dela adierazi dute bildutako lehen frogek.
Angeluko sutea ez da «jatorri naturalekoa» izan. Inkesta bat abiatu du Baionako auzitegiak. Sua giza jatorrikoa dela adierazi dute bildutako lehen frogek.
Angeluko (Lapurdi) Xiberta auzoko oihanak su hartu zuen iragan ostegun arratsaldean, eta, beroaren, lehortearen eta haizearen ondorioz, inguruko etxeetaraino zabaldu ziren garrak iluntzerako, baita ke hodei handiak ere. Suteak basoaren zati handi bat kiskali zuen, ehun hektarea inguru —beste 65 ere hondatu ditu—, Pirinio Atlantikoetako prefeturaren esanetan. Sua nola piztu zen jakiteko, inkesta bat abiatu zuen Baionako auzitegiak. Lehen frogen arabera, suak ez du jatorri «naturala» izan. Oraindik frogatzeko dago istripu batengatik edo giza borondatez piztu den sutea. Suhiltzaileak Angeluko oihana zaintzen ari dira geroztik, «badaezpada», nahiz eta sua berriz pizteko arriskurik ez duten ikusten. Orok Bat kirol zelaiaren ondoan hasi zen sua, ostegun arratsaldean. Iragan larunbatean Tolosatik eta Marseillatik (Okzitania) etorritako polizia unitate bereziak egon ziren bertan, eta suaren jatorria ezagutzeko frogak aztertzen ari dira. Lehen zantzuen arabera, ez du aire gaiztoak edo kable elektriko batek eragin sutea. Giza esku-hartzea gertatu dela esan nahi du, inkestaren arabera. Zehaztu dutenez, zigarreta mutur batengatik edo berinezko botila batengatik piztu ahal izan da sutea: istripuz, beraz. Sutean 11 etxe kaltetu ziren; bost etxebizitza han ez inor bizitzeko eran geratu ziren; hiru, arrunt kiskalita. Herriko auzapez Claude Oliveren arabera «drama bat da, katastrofe bat». Bestalde, jakinarazi du oihana berriz landatuko dutela, «arrisku guztiak saihestuz». Suak kiskali zuen Izadia parke ekologikoa ere berriz landatuko dutela segurtatu du.
2020-8-3
https://www.berria.eus/albisteak/185187/ehunka-lagun-elkartu-dira-hondartzetan-presoen-euskal-herriratzea-eskatzeko.htm
Politika
Ehunka lagun elkartu dira hondartzetan presoen euskal herriratzea eskatzeko
Muskizetik Donibane-Lohizunera, hondartzetan elkartu dira ehun lagun Etxerat-ek deituta, eta presoak "etxean eta bizirik" nahi dituztela aldarrikatu dute.
Ehunka lagun elkartu dira hondartzetan presoen euskal herriratzea eskatzeko. Muskizetik Donibane-Lohizunera, hondartzetan elkartu dira ehun lagun Etxerat-ek deituta, eta presoak "etxean eta bizirik" nahi dituztela aldarrikatu dute.
Urtero legez, hondartzetara eraman zuen Etxerat-ek aldarrikapena. Euskal Herriko hamasei hondartzatan elkartu ziren presoen Euskal Herriratzea eskatzeko. Guztira, 2.500 pertsona bildu ziren, eta presoak “etxean eta bizirik” nahi dituztela aldarrikatu zuten. Hondartzetan irakurritako testuan, euskal presoen egoera salatu zuten. Sakabanaketa amaitu eta preso guztiak hurbiltzea ezinbestekoa dela azpimarratu zuten: “Denak eta orain”. Senide eta lagunei “inposatutako zigorra” dela eta “eskubide urraketa larri” hori amaitu behar dela gehitu zuten. Gaixo dauden presoak eta 65 urtetik gorako presoak ere oroitu zituzten aldarrikapenetan, eta preso horiek “orain atera behar direla” nabarmendu zuten.
2020-8-3
https://www.berria.eus/albisteak/185188/john-hume-hil-da-ostiral-santuko-akordioen-bultzatzaileetako-bat.htm
Mundua
John Hume hil da, Ostiral Santuko Akordioen bultzatzaileetako bat
1998an, Bakearen Nobel saria eman zioten, Ipar Irlandako bake prozesuan izandako parte hartzeagatik. 83 urterekin hil da, Derryn.
John Hume hil da, Ostiral Santuko Akordioen bultzatzaileetako bat. 1998an, Bakearen Nobel saria eman zioten, Ipar Irlandako bake prozesuan izandako parte hartzeagatik. 83 urterekin hil da, Derryn.
John Humeren familiak eman du politikariaren heriotzaren berri komunikabideetara bidalitako ohar batean. 83 urte zituen, eta Derryko zahar etxe batean bizi zen. «Goizean goiz hil da Hume, gaixotasun labur baten ondoren», zioen idatziak. 1998an Bakearen Nobel saria eman zioten politikari irlandarrari, Ostiral Santuko Akordioetako negoziazioetan izandako parte hartzeagatik. Ez zen Ipar Irlandako gatazka amaitzeko egindako lehen ahalegina. Aurrez, Gerry Adamsekin izandako elkarrizketei esker, IRA Irlandako Armada Errepublikanoak su-etena iragarri zuen 1994an. 1937an jaio zen, Derryn. SDLP Alderdi Sozialdemokrata Laboristaren sorreran parte hartu zuen, eta alderdiko buru izan zen 2001era arte. Giza eskubideen aldeko mugimenduetako kidea ere bazen Hume, eta Sinn Feinekin hitz egitearen alde egin zuen. 1985eko Londresen eta Dublinen arteko akordioa lortzeko sekretupeko negoziazioetan ere hartu zuen parte. Hitzarmena gerora indarrik gabe geratu zen arren, Ipar Irlandako auzietan esku hartzea ahalbidetu zion lehen aldiz Dublini. Ostiral Santuko Akordioak sinatu zirenean, Tony Blair laborista zen Erresuma Batuko lehen ministro. Blairren esanetan, «historikoa» izan zen Humek negoziazioetan egindako ahalegina. «Ekarpen asko egin zizkion politikari, baina desberdin pentsatzen zutenekin lan egiteko konpromisoa izan zen handiena», esan du Blairrek. Humenern ibilbidea txalotu du buruzagi laboristaren aurretik gobernuburu izandako John Major kontserbadoreak ere: «Politikari gutxi izan dira hark bezainbeste denbora egin dutenak akordio bila eta urteetan blokeatuta geratutako jarrerak aldatzeko ahaleginean. Hari esker, bakean bizi dira egun komunitate asko».
2020-8-3
https://www.berria.eus/albisteak/185189/laguntza-publikoek-auto-merkatua-biziberritu-dute.htm
Ekonomia
Laguntza publikoek auto merkatua biziberritu dute
Uztailean 5.735 auto berri matrikulatu dira Hego Euskal Herrian, iaz baino %31,6 gehiago. Auto hibridoen eta elektrikoen salmenta ia hirukoiztu egin da.
Laguntza publikoek auto merkatua biziberritu dute. Uztailean 5.735 auto berri matrikulatu dira Hego Euskal Herrian, iaz baino %31,6 gehiago. Auto hibridoen eta elektrikoen salmenta ia hirukoiztu egin da.
Auto saltzaileek uztailaren hasieran ikusitako argi printzek hilabete osoa argitu dute. Laguntza publikoen bitartez, auto berrien salmenta biziberritu egin da amaitu berri den uztailean. Guztira, 5.735 auto matrikulatu dira, iazko uztailean baino 1.377 gehiago (+%31,6). Urtearen bilakaera oso negatiboa da oraindik ere, merkatua heren bat txikitu baita: 20.013 saldu dira, iazko 31.157en aldean (-%35,7). Eusko Jaurlaritzak jarri zituen lehenik indarrean auto berriak erosteko laguntzak, eta ondoren iritsi ziren Espainiako Gobernuarenak. Hasieran esandakoaren aurka, laguntzak bateragarriak dira, eta horrela milaka euro aurreztu ahal izan dituzte erosleek. Uztaileko datuetan argi ageri da Jaurlaritzaren menpeko lurraldeetan bilakaera hobea izan dela (+%34) Nafarroan (+%21) eta Espainian baino (+%1). Motor garbiagoen arrakasta Laguntza handienak motor alternatiboak dituztenek jasotzen dituzte, eta horiexek egin dute saltorik handiena salmentetan. Uztailean, motor hibridoak, elektrikoak eta gas bidezkoak dituzten 1.328 auto matrikulatu dituzte, iazko hilabete horretan baino 849 gehiago. Hau da, salmentak ia-ia hirukoiztu egin dira (+%177). Horri esker, atal horretako ibilgailuak dira 2020an joera positiboa duten bakarrak, %21,6 gehiago saldu baitira. Horrenbestez, haien merkatu kuota inoizko handiena da: %23 uztailean, eta %20 2020an. Gaur egun beren eremuan dauden lantegietan errekuntza motorreko autoak guztiz nagusi diren arren, Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak erabaki dute gasolioa eta gasolina erretzen duten autoak ere diruz laguntzea. 800 eta 4.000 euro artean jaso ditzakete. Laguntza hori salmentetan antzeman da: gasolina bidezko autoen matrikulazioa %11,9 handitu da, eta gasolio bidezkoak, berriz, %18,9. Gasolina erabiliena, baina kuota galtzen Motor alternatiboen hedapena gasolina bidezko autoen kontura iristen ari da. Iaz, %65,6ko merkatu kuota izan zuen gasolinak Hego Euskal Herrian, eta %57,6 aurtengo lehen zazpi hilabeteetan. Dieselaren gainbehera ez da eten, baina moteldu dela dirudi: saldutako auto berrien %23,7 izan ziren iaz, eta %22,3 izan da aurten. XX. mendearen hasierako urteetan erabateko nagusitasuna lortu zuten diesel motorrek, eta 2011n jo zuten goia, hamarretik zazpiz motor hori baitzuten. Iaz %32ra jaitsi zuten kuota.
2020-8-3
https://www.berria.eus/albisteak/185190/eguneko-zentroak-irekiko-dituzte-gaur-araban-bizkaian-eta-gipuzkoan.htm
Gizartea
Eguneko zentroak irekiko dituzte gaur Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan
Zahar etxeetako murrizketek abuztuaren 9ra arte jarraituko dute indarrean.
Eguneko zentroak irekiko dituzte gaur Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Zahar etxeetako murrizketek abuztuaren 9ra arte jarraituko dute indarrean.
Uztailaren 18an, Eusko Jaularitzako Osasun Sailak eguneko zentroak eta zahar etxeak ixteko agindua eman zuen, hainbat herritan agertzen ari ziren oldarraldien ondorioz. Zentroak ixteaz gain, zahar etxeetako egoiliarren bisitak murriztu zituen, eta baita egoiliarren irtenaldiak ere. Iragan astean, ordea, Nekane Murga Osasun sailburuak adierazi zuen murrizketa horiek arinduko zituztela, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek eguneko zentroak irekitzeko erabakia hartu dute. Salbuespenak izango dira Eibar, Elgoibar, Orio eta Zarautz (Gipuzkoa); hango zentroak itxita egongo dira oraindik, azken egunetan atzemandako oldarraldien ondorioz. Zahar etxeetako murrizketek indarrean jarraituko dute abuztuaren 9ra arte. Mugaturik izango dute irteera, eta ezin izango dute zahar etxetik irten, eraikinaren eremu barruan ez bada. Halere, Jaurlaritzak bisiten neurriak arindu ditu, eta egoiliarrek bi pertsonaren bisita izateko aukera izango dute.
2020-8-3
https://www.berria.eus/albisteak/185191/gazte-kontseiluak-sare-sozialetan-kanpaina-bat-hasi-du-maskarak-erabiltzera-deitzeko.htm
Gizartea
Gazte Kontseiluak sare sozialetan kanpaina bat hasi du maskarak erabiltzera deitzeko
Bi bideo egin dituzte eta sare sozialetan, telebistan eta komunikabideetan zabalduko dira.
Gazte Kontseiluak sare sozialetan kanpaina bat hasi du maskarak erabiltzera deitzeko. Bi bideo egin dituzte eta sare sozialetan, telebistan eta komunikabideetan zabalduko dira.
Euskadiren Gazte Kontseiluak eta Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak beste kanpaina bat abiatu dute sare sozialetan “konpromiso soziala erakusten jarraitzeko” eta COVID-19aren aurkako prebentzio neurrien gainean gazteek “kontzientzia hartzen jarraitzeko”. Maialen Olabe Euskadiren Gazte Kontseiluko presidenteak jakinarazi duenez, kanpainaren bitartez adierazi nahi dute uda honetan garrantzitsua dela “burua erabiltzea” eta “konpromiso soziala” erakusten jarraitzea. "Kontua da gazteek konfinamenduaren hilabeteetan izan genuen konpromisoari balioa ematea, eta orain zentzu komuna erabiltzeko deia egiten dugu higienea areagotzeko, distantzia soziala mantentzeko eta maskarak beti erabiltzeko”, nabarmendu du Olabek. Denon esfortzuari esker egin dela aurrera jakinarazi dute, eta Kontseiluak uste du 2020ko uda dela “gazteen ahalegina ikusarazteko” garaia. Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, bi bideo egin dituzte, 20 segundokoa bata eta 40 segundokoa bestea, eta horiek sare sozialetan, telebistan eta komunikabideetan zabalduko dira. #BetiMaskara traola sortu dute. Osasun krisian guztiek ahalegina egin behar dutela nabarmendu nahi dute, gazteek ere koronabirusaren aurkako segurtasun neurriak har ditzaten: maskara erabiltzea, segurtasun distantzia fisikoa errespetatzea eta higiene neurriak hartzea. Bideoan azaltzen diren irudiak Gorka Vazquez ilustratzailearenak dira, eta, horietan, eguneroko hamaika egoera azalzten dira. Ikus-entzunezko lanetan gazteak ageri dira, hainbat lanbidetan jarduten: hirugarren sektore sozialeko boluntario bat, ertzain bat, supermerkatuko langile bat eta Osakidetzako bi profesional ageri dira. Horrez gain, irudietan gazteak ageri dira beren kirol talderik gogokoenaren arrakasta ospatzen maskararik eta distantzia sozialik gabe. Dantzan dabiltzan gazte horien ondoren, ospitalean oso gaixorik dagoen beste gazte bat agertzen da, eta bideoaren amaieran berriro futbol estadioko giroa irudikatzen da. Hasieran garaipena besarkaden bidez ospatzen duten arren, bukaeran elkarrengandik urruntzen dira, eta bakoitzak bere maskara janzten du.
2020-8-3
https://www.berria.eus/albisteak/185192/sopelako-balearen-begiaren-argazkiari-sari-bat-eman-diote-herbehereetan.htm
Bizigiro
Sopelako balearen begiaren argazkiari sari bat eman diote Herbehereetan
'Balea-erretinaren ostadarra' irudia lortu zuten EHUko zientzialariek, glaukoma ikertzeko asmoarekin. Dagoeneko bi sari jaso ditu irudiak.
Sopelako balearen begiaren argazkiari sari bat eman diote Herbehereetan. 'Balea-erretinaren ostadarra' irudia lortu zuten EHUko zientzialariek, glaukoma ikertzeko asmoarekin. Dagoeneko bi sari jaso ditu irudiak.
2019ko otsailean, 16 metroko luzera eta 30 tonako pisua zuen balea bat lehorreratu zen Sopelako hondartzan (Bizkaia). Animalia hil egin zen, baina EHUko ikertzaile batzuek begi bat erauzi zioten, laborategian aztertzeko, glaukoma sendatzeko ikerketa zabal baten barruan. Mikroskopioak erabilita, balearen begiaren ehunei argazkiak egin zizkieten Elena Vecino Cordero EHUko katedradunak eta Luis Lopez Vecino ikertzaileak. Irudiak ikusgarriak zirenez, Balearen begia erakusketa antolatu zuen EHUk. Argazkion artean zegoen Balea-erretinaren ostadarra argazkia. Elena Vecino EHUko Oftalmo-Biologia ikerketa taldeko zuzendaria, Sopelako baleari erauzitako begiarekin. Marisol Ramirez / Foku Geroztik nazioarteko zenbait sari jaso ditu argazkiak. Azkena, Herbehereetan. Herrialdeko Neurozientziarako Institutuak (NIN) hamargarren aldiz antolatu du Neurozientziaren Artearen Lehiaketa. Horren helburua da zientzia eta artea elkartzen diren eremuan sorturiko irudi «inspiratzaile eta sortzaileak» nabarmentzea, EHUk zabaldu duen oharraren arabera. Lehiaketa horretan, AEBetako Scientific American aldizkariak bultzatzen duen sariaren ohorezko aipamena jaso du EHU ikertzaileen irudiak. Iazko otsailean Sopelako hondartzan agerturiko balea jasotzeko operazioa. Luis Tejido / EFE Lehen ere jaso ditu sari batzuk: aurten, lehen saria eman zioten NeuroArt 2020 lehiaketan. Espainiako Neurozientzia Elkarteak (SENC) antolatzen du, nerbio sistemaren inguruko irudi eta bideoak zabaltzeko. Elena Vecino EHUko GOBE Oftalmo-Biologia Esperimental taldeko burua da. Unibertsitateak iaz honoris causa doktore izendaturiko Sansar C. Sharmar adituaren taldeko ikertzaile izan zen. Glaukomaren ikerketaren inguruko munduko aditurik handienetakoa da Sharmar.
2020-8-3
https://www.berria.eus/albisteak/185193/tiktok-aplikazioa-erosteko-asmoa-berretsi-du-microsoftek.htm
Mundua
Tiktok aplikazioa erosteko asmoa berretsi du Microsoftek
Etxe Zuriak 45 eguneko epea eman dio AEBetako enpresari Txinako Byte Dance konpainiarekin akordioa ixteko. AEBetako Estatu idazkariak «neurriak» iragarri ditu aplikazioaren aurka.
Tiktok aplikazioa erosteko asmoa berretsi du Microsoftek. Etxe Zuriak 45 eguneko epea eman dio AEBetako enpresari Txinako Byte Dance konpainiarekin akordioa ixteko. AEBetako Estatu idazkariak «neurriak» iragarri ditu aplikazioaren aurka.
Aurrera egingo du Microsoftek Tiktok aplikazioa erosteko bere asmoetan. Hala iragarri du AEBetako konpainiak, Donald Trump presidentearekin hitz egin ostean. Etxe Zuriak, baina, baldintzak jarri dizkio erosketari: akordioak itxita behar du 45 eguneko epean, irailaren 15erako, alegia. Horrez gain, hitzarmenak bermatu beharko luke erabiltzaile estatubatuarren datuak AEBetako konpainiaren esku geratuko direla. Tiktok sare soziala «nazio segurtasunerako» arrisku bat izan daitekeela iritzita, haren gaineko neurriak hartuko zituela iragarri zuen joan den aste amaieran Etxe Zuriak. Tiktoken jabea Byte Dance Txinako enpresa da, eta plataformak erabiltzaileengandik biltzen dituen datu pertsonalak Txinako Gobernuaren eskuetara irits daitezkeen ustea zabaldu du Washingtonek. Hala, AEBetako Estatu idazkari Mike Pompeok iragarri zuen atzo Trumpek aurrera egingo duela aplikazioaren aurkako «neurriak» hartzeko bere asmoetan. Baina ez zuen zehaztu horiek zeintzuk izango diren, ez eta noiz hartuko dituen ere. Washingtonen jarrerak haserrea eragin du Pekinen, eta Txinako Atzerri Ministerioak AEBei eskatu die amai ditzatela Asiako erraldoiaren aurkako «diskriminazio politikak». Byte Dance enpresak berak ukatu du erabiltzaile estatubatuarren datuak Txinako Alderdi Komunistaren esku utzi dituztela, eta zehaztu du AEBetan gordetzen dituztela bertako herritarren datuak. «Gure bazkide nagusiak AEBetakoak dira, eta gure erabiltzaileen segurtasuna da gure helburu nagusietako bat», nabarmendu du enpresako eledunetako batek.
2020-8-3
https://www.berria.eus/albisteak/185194/beste-neurri-batzuk-hartuko-dituzte-zangozan.htm
Gizartea
Beste neurri batzuk hartuko dituzte Zangozan
Azken orduetan, 18 positibo atzeman dituzte han. Hego Euskal Herrian, 234 positibo izan dira.
Beste neurri batzuk hartuko dituzte Zangozan. Azken orduetan, 18 positibo atzeman dituzte han. Hego Euskal Herrian, 234 positibo izan dira.
Zangozako Udalak (Nafarroa) adierazi du beste neurri batzuk ezarriko dituela herrian, azken orduetan 18 positibo atzeman ostean. Udalak azaldu du Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean ari dela "etengabe" egoera aztertzeko, eta bihar emango dutela neurri horien berri. Ostegunean, PCR probak egin zizkieten Zangozako enpresa bateko langileei, aurreko agerraldi batekin kontaktua izan baitzezakeen langile batek. Guztira 181 proba egin dituzte: lau positibo zuzen atzeman dituzte, eta beste 14 horiekin lotura dutenak. Udalak hartuko dituen neurriak aisialdiari lotuta egongo dira batik bat, baina bestelako eremuei ere eragingo diete, Osasun Sailak aurreratu duenez. Izan ere, haur eskolak ixteko asmoa du udalak, baita igerilekuak eta jolas parkeak ere. Litekeena da tabernek eta jatetxeek gauerdian itxi behar izatea. Gaur goizean, ekitaldi bat egitekoa zen Nafarroako Gobernua Zangozan, Birpopulaketaren autobusa aurkezteko. Maria Txibite gobernuko presidentea hara joatekoa zen, baina bertan behera geratu da kasuen gorakadaren ondorioz. Hegoaldean, 234 kasu Hego Euskal Herrian 234 positibo izan dira azken orduetan, gehienak berriro ere Bizkaian. Herrialde horretan, 105 kasu detektatu dituzte; Nafarroan, 78; Gipuzkoan, 29; eta Araban, 20. Jaurlaritzaren esanetan, bi kasu atzeman dituzte erkidegotik kanpo. Ospitaleratzeei dagokienez, hamar pertsona eraman dituzte opsitalera gaitza dela eta, eta zazpi ZIUetan daude. Araban detektatu diren 20 kasuetatik 18 Gasteizen izan dira. Asteburuetan nabarmen egin dute gora kasuek hiriburuan: ostiraletik 108 kasu atzeman dituzte. Gaur jakinarazi dute Poliziak bi jatetxe, taberna bat eta diskoteka bat itxi dituela han, zenbait positibo atzeman ostean. Halaber, Osasun Sailak ez du asmorik proba masiboak egiteko osatu horietan izan diren bezeroei. Donostian ere, beste jatetxe bat itxi dute, bertako zerbitzari batek positibo eman duelako. Bilbon ere, kasu ugari izan dira azkenaldian. Azken zenbaketetan 48 positibo detektatu dituzte, eta ostiraletik dagoeneko 174 dira. Ostegunean, Osasun Sailak dei egin zien uztailaren 18an Bilboko Back&Stage diskotekan izan ziren pertsonei PCR proba egitera joateko. Igandera bitarte, 365 pertsonak egin zuten testa, eta horietatik 27k positibo eman zuten. Nafarroan, kasu gehienak ere hiriburuan daude. Nafarroako Osasun Sailak jakinarazi du Iruñeko osasun eremuan atzeman dituztela kasuen %64, eta Tutera inguruan %12.
2020-8-3
https://www.berria.eus/albisteak/185195/iruntildeeko-herri-haur-eskola-ez-dute-irekiko-oraingoz.htm
Gizartea
Iruñeko Herri Haur Eskola ez dute irekiko oraingoz
Haur eta finantzaketa falta dela eta, HE Gurasoak taldeak sortutako proiektuak ezingo ditu ateak ireki. Udazkenean egingo dute egitasmoarekin jarraitzeko bilera.
Iruñeko Herri Haur Eskola ez dute irekiko oraingoz. Haur eta finantzaketa falta dela eta, HE Gurasoak taldeak sortutako proiektuak ezingo ditu ateak ireki. Udazkenean egingo dute egitasmoarekin jarraitzeko bilera.
Baldintza faltak tarteko, Iruñeko Herri Haur Eskolak ezingo ditu ateak ireki datorren ikasturtean. HE Gurasoak taldeak ohar baten bitartez jakinarazi duenez, ez dago eskola “barrez beteko duen” haur nahikorik, ezta “izaera herritarra” emango dion finantzaketarik ere. Proiektuaren muina hori izanik, irailean hasteko asmoa bertan behera utzi behar izan dute: “Auzolanean eta denon artean ez bada, ezin da izan”. Haur faltaren arrazoia egungo egoera bereziarekin lotu dute. Adierazi dute matrikulazioek behera egin dutela sistema publikoko eredu guztietan, eta, egoera ikusita, “normaltzat” jo dute izen emateen beherakada. Iruñeko Udalari ere hitz batzuk eskaini dizkiote oharrean. Euskal hezkuntza zerbitzuak hiriko iparraldera mugatzea oso erabaki gogorra dela diote. Salatu dute “etxetik gertu egotearen” garrantziak euskararen “kaltean” jokatzen duela, eta Enrique Maya alkateak bazekiela hori. Halaber, eskerrak eman dizkiete antolatutako modu ezberdinetan lagundu duten guztiei: “Mobilizazioetan parte hartu duzuen lagunei, batzarretara agertu zareten familiei, babes ekonomikoa eman duzuen euskaltzaleei eta ahal izan duen neurrian lagundu gaituen Euskalgintzari eta Itsulapikokoei ere”. Oraingoz proiektua martxan jarri ezin badute ere, HE Gurasoak taldeak lanean jarraituko du Iruñeko euskara zerbitzuen alde. Udazkenean Haur Eskoletako organismoan “aldaketa gehiago” jorratuko dituen bilera bat egingo dute. Diotenez, proposamen eta ildo berriak garatu behar dituzte, “euskarazko hezkuntza, publikoa eta kalitatezkoa bermatzeko”.
2020-8-4
https://www.berria.eus/albisteak/185196/abarkadunen-zaindaria.htm
Kirola
Abarkadunen zaindaria
Athleticen historiako handienen zerrendan dago Cedrun. Lezama ordeztu zuen, eta, 402 lehiaren ostean, Iribarri eman zion lekukoa. 50eko hamarkadan jo zuen goia, ‘hamaika abarkadunen’ taldean.
Abarkadunen zaindaria. Athleticen historiako handienen zerrendan dago Cedrun. Lezama ordeztu zuen, eta, 402 lehiaren ostean, Iribarri eman zion lekukoa. 50eko hamarkadan jo zuen goia, ‘hamaika abarkadunen’ taldean.
Athleticen inoiz izan duen belaunaldirik loriatsuenetako bat osatu zuten hamaika abarkadunak delakoek. Espainiako hiru Kopa eta liga bat irabazi zituzten, oraindik askok buruz dakiten hamaikako batekin. Zaleek bereziki iltzatuta dauzkate aurrelarien izenak: Artetxe, Markaida, Arieta, Uribe eta Gainza. Haien joak eta kalitateak gorenera eraman zuten talde zuri-gorria. Haatik, haiek aurkarien ateak zula zitzaten, funtsezkoa zen, lehenik eta behin, eurena ondo zainduta egotea. Bada, zeregin hori maisutasunez bete zuen Carmelo Cedrunek (Zornotza, Bizkaia, 1930). 402 neurketa jokatu zituen Athleticekin, eta, horren sendoa izan zen atepean, ezen San Mameseko horma ezizena jarri baitzioten. Raimundo Lezamari hartu zion lekukoa, eta, arrakastaz beteriko hamalau urteren ondotik, Jose Angel Iribarren esku utzi zituen Athleticeko eskularruak. Gorpuzkera sendokoa zen Cedrun. ATHLETIC Cedrunenak artilezkoak ziren, amak eginak. Beti sei pare izaten zituen. Hasieran, akaso bakar bat ere ez zuen izango, gurasoek ez baitzuten hura atezain izaterik nahi. Aurrelari hasi zen jokatzen, baina Amorebietan atezain jarri zuten, eta maitemindu egin zen postu berriaz. Ez, ordea, gurasoak: beti urratuz eta zauriz josita iristen zen etxera. Berandu gabe aldatu zuten iritzia, semearen gaitasunaz jabetzen hasi orduko. Haiek ez ezik, goi mailako talde asko ere jakitun zeuden Cedrunen talentuaz. Oviedo izan zen hura fitxatzen ahalegindu zen lehena, eta, tratua ia itxita zuela, Athletic agertu zen. Atezainak ez zuen bitan pentsatu, zuri-gorrien zale amorratua izaki. Hala, kolpean egin zuen jauzi Lehenengo Erregional Mailatik Espainiako Lehen Mailara. Ehun lagun ingururen aurrean jokatzen zuen Amorebietarekin. San Mamesen, ordea, 40.000 zaleren begiradapean zegoen jardun beharra. Ez zen erronka makala. Cedrun, ordea, ez zen erraz kikiltzen ziren horietakoa. Honela deskribatu du haren seme Andonik: «Pertsona apala zen, baserriko gizon bat. Baina beti izan du jarrera gogorra; oraindik ere halakoa du, eta erronkei ausardiaz egin izan die aurre. Horrela lortu zuen gazterik Athleticen tokia egitea». Hura iristean, aurrealdean beste boskote mitiko bat zuen Bilboko taldeak: Iriondok, Venanciok, Zarrak, Panizok eta Gainzak osaturikoa. Atepean, berriz, erabat finkatuta zegoen Lezama. «Bere garairako, oso aurreratuta zegoen Raimundo, eta idolotzat zeukan aitak. Ohore bat izan zen harentzat halako mito batekin lan egitea. Eta tokia kendu zion azkenean». 1951n egin zuen debuta Cedrunek, San Mamesen, Sevillaren aurka; eta, urtebete geroago, jada haren izena zeraman Athleticen ateak. Ordezkaezin bihurtu zen, eta hala iraun zuen 1963ra arte. Haren ahalmena ondo oroitzen dute Ignacio Uribek eta Manuel Eturak, garai arrakastatsu haietan zornotzarraren taldekide izandakoek. «Atezain zoragarria zen. Oso segurua zen, eta geldiketa ikusgarriak egiten zituen. Konfiantza itsua genuen harengan, eta, hala, askeago jokatzen genuen aurrelariok», azaldu du Uribek. «Pentsa zer urte pila jokatu zuen, eta inork ezin izan zion postua kendu, Iribar agertu zen arte. Itzela zen, bai atezain moduan, baita pertsona moduan ere», oroitu du Eturak. Penaltiak gelditzen maisua Ramallets, Alonso, Arakistain, Argila... Maila handiko atezainak zeuden garai hartan. Haien aldean, garaiagoa zen Cedrun —1,84 metro luze zen—, eta, horri esker, nagusi izaten zen goikako baloietan. Eta bazuen beste bereizgarri bat ere: bere area irteera indartsuen bidez defendatzeko gaitasuna. «Ikusi, eta batez ere entzundakoaren arabera, indar handiz ateratzen zen bere atetik. Ez zuen beldurrik, eta oldarkorra izaten zen irteeretan. Hesi bat jartzen zuen arean, eta handik ez zen inor pasatzen», azaldu du Andoni Cedrunek. Hark egindako deskribapenarekin bat dator Etura. «Hobe zenuen alde batera egin; bestela, zu ere aurrean eramaten zintuen. Berdin zion Kubala izan, edo taldekide bat izan». Uribek, ordea, ñabardura bat egin du. «Irteten zenetan, bai, zezena ematen zuen. Baina batzuetan zalantzak izaten zituen, atera ala ez. Oroitzen dut Maurik beldurrik gabe ateratzeko esaten ziola». Beldurrik gabe ateratzen zen Cedrun pilotaren bila / ATHLETIC Penaltietan, aldiz, ez zuen dudarik egiten. Mordoa gelditu zuen; batzuk, Wembleyren moduko plaza entzutetsuetan; beste batzuk, Di Stefanoren mailako aurrelariei. Sonatuena, alabaina, Les Cortsen Kubalari gelditutakoa izan zen, 1955ean, Kopako finalerdietan. Ordura arte, inor ez zen gai izan hungariarrari penalti bat gelditzeko. Cedrun izan zen lehena. Eskuinera jaurti zion Kubalak, goiko izkinara, baina atezainak kornerrera bidali zuen baloia. Oso geldiketa plastikoa izan zen. Halako ugari egin zizkion Uriberi entrenamenduetan. «Oso zaila zen hari penalti bat sartzea. «Hortik sartuko dizut», esaten nion, baina ez nion ziria sartzen. Oso atezain argia zen». Zein zen haren sekretua? Bada, besteak beste, aurkariak aztertzeko ohitura. Hala azaldu du Uribek. «Kontrarioak ondo ezagutzen zituen. Eta bestela, guri galdetzen zigun ea nork eta nola botatzen zituen penaltiak. Bakoitzak beti toki berera jaurtitzen zuen orduan, eta Carmelo horretaz baliatzen zen». Eturak joko-arauak malguagoak izatearen eragina aipatu du. «Atezainek amarruak egiten zituzten. Penaltietan, adibidez, aurrera egiten zuten. Ez zen orain bezala, marra gainean egon behar duzula». 1936ko gerrak markatu zuen belaunaldi haren umezaroa, eta frankismoaren uztarripean bizi izan zuen gaztaroa. Bere txarrean, soldadutza Bilbon egitea lortu zuen Cedrunek. Sedrun zuen berezko abizena, eta horren arabera, Afrikara joatea zegokion, Zarrari bezalaxe. Aurrelariak han bukatu zuen; ez, ordea, Cedrunek, Athleticek abizeneko lehen hizkia aldatu baitzion: Cedrun, Sedrun ordez. Atezaina Bilbon gelditu zen, eta gerora abizen moldatuari eutsi zion. «Denboratan, telefono aurkibidean Sedrun eduki genuen. Eta etxe batean ere Sedrun genuen. Jendeak esaten zuen Cedrun ez zela agertzen», gogoratu du Andonik. Horrez gainera, atezain mitikoaren semeak oroitu du Athletic «miretsia» zela orduan, zelaian erakusten zuen kuraiarengatik. «Horren erakusgarri da estatuko zoko guztietan dauden zale taldeak. Sentimendua garai hartan erein zen. Athleticeko jokalariak gogor borrokatzen ziren handien boterearen kontra, eta horrek halako gertutasun bat sortzen zuen gizartean. Horregatik deitzen zituzten abarkadunak». Di Stefanori haginka Talde hark 1958ko Kopako finalean jo zuen goia. Real Madrilen aurka jokatu behar zuen, eta segada prestatu zion Espainiako Federazioak, erregimen frankistaren presiopean: Chamartin, Real Madrilen zelaia hautatu zuen finalaren egoitza gisa. Erabakiak haserre bizia piztu zuen zuri-gorrien artean, eta, azkenean, Madrilgo Metropolitano estadioan jokatzea proposatu zieten. Oilarkeriaz erantzun zuen Athleticen orduko presidenteak, Enrique Guzmanek: Madrilen jokatu behar bazen, nahiago zuen Chamartin, han Athleticen zale gehiago sartuko zirelako. Ligako eta Europako txapelduna zen Real Madril, eta dena alde zuen kopa ere bereganatzeko. Adorez beteriko aurkaria izan zuen aurrean, baina. Hozka egitera atera ziren zuri-gorriak, eta hori hitzez hitz egin zuen Cedrunek, Di Stefanorekin izandako buruz buruko batean. Gelditu egin zuen lehen jaurtiketa, baina baloia zozkatuta gelditu zen, eta lehenago altxatu zen argentinarra. Bada, hitzetik hortzera erantzun zuen atezainak: aurrelariari kosk egin zion belaunean, eta, hala, gola eragotzi. «Lehen ere esan dut, kontuz ibili behar zenuen hura ateratzen zenean. Azeria zen», komentatu du Eturak. «A zer bi elkartu ziren. Kaniketan ere ez zuten galdu nahi. Nire aitak jenio bizia zuen, oso lehiakorra zen, eta atepean hori guztia ateratzen zuen. Harroputz samarra ere izan da. Gauzak arrandiaz kontatu ohi ditu. Gustatu egiten zaio lorpenez hitz egitea», gehitu du Andonik. 132 lehia: Erreskadan jokatutako partiden marka izan zuen, Iñaki Williamsek kendu zion arte / ATHLETIC Lider izaera ere bazuen, Uriberen irudiz. «Gauzak garbi esaten zizkigun beti, eta asko agintzen zigun: «Kontuz horrekin, zaindu beste hori... Atezain huts bat baino askoz ere gehiago zen». Eta erregulartasuna ere sartu behar da haren bertuteen zerrendan. Izan ere, jarraian jokatu zituen 132 partida, inork baino gehiago Athleticen, harik eta iaz Iñaki Williamsek marka apurtu zuen arte. Atezain ohiaren lanerako grina goratu du Eturak. «Berezko dohainak zituen, eta, gainera, inork ez bezala egiten zuen lan. Inbidia ematen zigun zeukan sasoiak». Haren erregulartasunak egoskorkeriarekin ere badu zerikusia. Bere sentitzen zuen Athleticen atea, eta beti jokatu nahi zuen, kosta ahala kosta. Hori horrela, min hartuta aritu zen hainbatetan; adibidez, behatz bat hautsita. Honela gogoratu du Eturak: «Partida handia genuen Manchesterren kontra, Europako Kopan. Haren gelakidea nintzen, eta ikusi nuen noizean behin komunera joaten zela. Uraren txorrota ireki, eta eskua sartzen zuen. Ez zela ezer esan zidan. Bada, behatza zeukan apurtuta, eta inor ez zen konturatu. Berak partida hura jokatu nahi zuen ezinbestean». Amaiera, ozeanoaz bestalde Bukatu egiten da hasten den oro, bizilegea da, eta 1963an titular postua kendu zion Iribarrek. Hala, urtebete geroago Bizkaiko taldea utzi, eta Espanyolera joatea deliberatu zuen. Bi ezagun zahar topatu zituen han: Kubala teknikari gisa, eta Di Stefano taldekide moduan. Zelai barruko xextrak albo batera utzita, lagun mina zuen argentinarra, Andonik azaldu duenez. «Oso harreman ona zuen Di Stefanorekin, eta Real Madrilen aldeko sentimendua txertatu zion hark. Horrekin adarra jo ohi diot». Hiru urtez jokatu zuen Bartzelonan, eta, erretiroa hartzekotan zela, Estatu Batuetako liga sortu berriko Baltimore Bays taldearen eskaintza jaso zuen. Han jokatu zuen bere azken denboraldia, eta sos batzuk irabazteko profitatu zuen, Andoniren esanetan. «Oso esperientzia ona izan zen harentzat. Eta, ekonomikoki, diru gehiago irabazi zuen han urte bakarrean, hemen jokatutako urte guztietan baino». Jose Angel Iribar, Carmelo Cedrun eta Gorka Iraizoz, Athleticeko atezainak. MIGUEL TOÑA / EFE Ia 60 urte igaro dira talde zuri-gorria utzi zuenetik, eta, halere, oraindik beneratu egiten dute zaleek, zahar zein gazte. Horrek gogobete egiten du Andoni. «Bilbon, ni Carmeloren semea naiz, ez naiz Andoni Cedrun. Ederra da Athleticek bere mitoekin duen kultura. Behin, bagindoazen San Mamesera, eta hogei bat urteko mutil batek argazkia eskatu zion aitari. Txundituta gelditu nintzen. Niri esan zidan: 'Bueno, zu ere jarri zaitezke'. Hor jabetu nintzen zer izan den aita Athleticen».
2020-8-3
https://www.berria.eus/albisteak/185197/motozale-bat-hil-da-zumaian.htm
Gizartea
Motozale bat hil da Zumaian
Furgoneta batekin talka eginda eduki du istripua, 13:45ean, GI-2633 errepideko 2. kilometroan, Zarautzera bidean.
Motozale bat hil da Zumaian. Furgoneta batekin talka eginda eduki du istripua, 13:45ean, GI-2633 errepideko 2. kilometroan, Zarautzera bidean.
Moto batek eta furgoneta batek elkarren kontra jo dute 13:45ean GI-2633 errepidean, Zumaia parean (Gipuzkoa). Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, 2. kilometroan gertatu da istripua, Zarautzera bidean. Motorrean zihoan gidaria hil egin da ezbeharraren ondorioz. Ertzaintza istripuaren lekura joan da, eta nola gertatu den ikertzen ari da.
2020-8-3
https://www.berria.eus/albisteak/185198/gaur-zabalduko-dute-genovako-zubia-erori-eta-bi-urtera.htm
Mundua
Gaur zabalduko dute Genovako zubia, erori eta bi urtera
Ezbeharrean 43 pertsona hil ziren, eta milaka lagun atera behar izan zituzten etxetik.
Gaur zabalduko dute Genovako zubia, erori eta bi urtera. Ezbeharrean 43 pertsona hil ziren, eta milaka lagun atera behar izan zituzten etxetik.
Gaur zabalduko dute Genovan (Italia) 2018. urtean erori zen Morandi zubia. Eroritako zubibidea 45 metro garai eta kilometro bat luze zen. Ezbehar hartan 43 pertsona hil ziren, eta 632 herritar gelditu ziren etxerik gabe. Zubibide berria Genova San Giorgio zubia deituko da, eta Roberto Carpaneto Rina konpainiako kontseilariak —zubi zaharra eraisteaz eta berriaren eraikuntza kudeatzeaz arduratzen den konpainia— zubia bi urte baino gutxiagoan amaitu izanaren «harrotasuna» adierazi du. Zubi berria eraikitzen hasi baino lehen, 180.000 tona zementu inguru zituen zubi zaharra eraitsi zuten; horretarako, milaka lagun atera behar izan zituzten etxetikk. 2019ko apirilaren 15ean hasi ziren gaur zabalduko den zubia erakitzen.
2020-8-3
https://www.berria.eus/albisteak/185199/pcr-proba-egitera-deitu-ditu-jaurlaritzak-bilboko-fever-diskotekan-eta-erandiogoikoko-batzokian-egon-zirenak.htm
Gizartea
PCR proba egitera deitu ditu Jaurlaritzak Bilboko Fever diskotekan eta Erandiogoikoko batzokian egon zirenak
Bihar goizean hasiko dira testak egiten: diskotekarekin lotutakoei, Basurtuko ospitalean, eta batzokian izandakoei, berriz, Urdulizkoan.
PCR proba egitera deitu ditu Jaurlaritzak Bilboko Fever diskotekan eta Erandiogoikoko batzokian egon zirenak. Bihar goizean hasiko dira testak egiten: diskotekarekin lotutakoei, Basurtuko ospitalean, eta batzokian izandakoei, berriz, Urdulizkoan.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 11 kasu baieztatu ditu bi establezimendu horien artean: sei Bilboko diskotekarekin lotuta, eta gainontzekoak, Erandiogoikoko batzokiarekin. Hala, bada, PCR proba egitera joateko dei egin die uztailaren 24tik eta 26ra bitartean Bilboko Fever diskotekan izan zirenei, sei positibo atzeman ostean. Bihar 08:30ean hasiko dira testak egiten han izan zirenei, Basurtuko ospitalearen kanpoaldean jarritako karpetan. Egun horietan diskoteka horretan egon zirenek beren osasun etxera deitu beharko dute ordua hartzeko. Erandiogoikoko batzokiari dagokionez, joan den ostiralean itxi zituen ateak, hainbat langilek positibo eman ostean. Denera, lau langilek eta bezero batek eman dute positibo. Erandioko EAJk larunbatean adierazi zuen aste honetan PCR probak egingo zizkietela langileei. Gaur, berriz, uztailaren 25etik 30era bitartean han egondako herritar orori PCR proba egiteko eskatu dio Osasun Sailak. Horiei Urdulizko ospitalean egingo dizkiete probak bihar, 10:00etan hasita.
2020-8-3
https://www.berria.eus/albisteak/185200/sute-bat-piztu-da-oionen-lantegi-batean.htm
Ekonomia
Sute bat piztu da Oionen, lantegi batean
Alavesa de Barnices SA enpresaren fabrikan piztu da sutea, 14:15 aldera. Ez da inor zauritu: instalazioak itxita zeuden, eta langileak, oporretan.
Sute bat piztu da Oionen, lantegi batean. Alavesa de Barnices SA enpresaren fabrikan piztu da sutea, 14:15 aldera. Ez da inor zauritu: instalazioak itxita zeuden, eta langileak, oporretan.
Sute bat piztu da gaur Oionen (Araba), Alavesa de Barnices lantegian. Logroñoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi dutenez, Logroñoko, Guardiako eta Kanpezuko suhiltzaileak sutea itzaltzeko lanetan ari dira, eta ez da inor zauritu. Udalak Efe albiste agentziari azaldu dionez, 14:15 aldera izan dute gertaeraren berri, eta «kalte handiak» eragin ditu fabrikako instalazioetan. Lantegiko produktuak zituzten zenbait bidoi lehertu dira, eta suak ke adar beltz eta luze bat eragin du. Ez da inor zauritu: oporraldia dela eta, instalazioak itxita zeuden.
2020-8-3
https://www.berria.eus/albisteak/185201/gorka-izagirrek-irabazi-du-lombardian.htm
Kirola
Gorka Izagirrek irabazi du Lombardian
Astanako txirrindulari ormaiztegiarra nagusitu da Lombardiako Triptiko Handia Klasikoan. Alex Aranburu taldekidea bigarren izan da.
Gorka Izagirrek irabazi du Lombardian. Astanako txirrindulari ormaiztegiarra nagusitu da Lombardiako Triptiko Handia Klasikoan. Alex Aranburu taldekidea bigarren izan da.
Gorka Izagirrek (Astana) lortu du Euskal Herriko txirrindulari profesionalen lehen garaipena denboraldi honetan. Ormaiztegiarrak Lombardiako Triptiko Handia klasikoa irabazi du gaur, ihesean. Gorka Izagirre beste 11 txirrindularirekin iritsi da aurrean azken kilometroetara. Izen handiak zeuden tartean: Michael Kwiatkowski (Ineos), Greg Van Avermaet (CCC) eta Vincenzo Nibali (Trek), besteak beste. Harekin batera zegoen ere Alex Aranburu taldekidea. Euria gogotik egiten zuen, eta Izagirrek azken jaitsieran jo du erasoa. Arriskatu egin du, eta saria lortu. Euskal ziklismoaren eta Astanaren egun ederra biribiltzeko, gainera, Aranburu izan da azkarrena taldetxoaren esprintean, eta bigarren postuan amaitu du. Bestalde, Egan Bernalek (Ineos) eskura du Okzitaniako Itzulia irabaztea, etapa nagusian gailendu baita gaur. Bihar amaituko da proba, eta, ezusterik ezean, kolonbiarrarentzat izango da garaipena.
2020-8-3
https://www.berria.eus/albisteak/185202/juan-carlos-borboikoak-alde-egin-du-espainiatik.htm
Mundua
Juan Carlos Borboikoak alde egin du Espainiatik
Espainiako errege emerituak herrialdetik kanpo bizitzeko erabakiaren berri eman dio haren seme eta Espainiako errege Felipe Borboikoari.
Juan Carlos Borboikoak alde egin du Espainiatik. Espainiako errege emerituak herrialdetik kanpo bizitzeko erabakiaren berri eman dio haren seme eta Espainiako errege Felipe Borboikoari.
Espainiako errege etxeak ohar bidez jakinarazi duenez, Juan Carlos Borboikoa Espainiako errege emerituak Espainia utzi du, eta aurrerantzean herrialdetik kanpo biziko da, bere «iraganeko bizitza pribatuko zenbait gertakari izaten ari den oihartzun publikoarengatik». Besteak beste, Suitzako eta Espainiako fiskaltzak hainbat ustelkeria kasurengatik ikertzen ari dira Borboikoa, ustez zenbait paradisu fiskaletan zituen funtsengatik. Komunikatuan azaldu duenez, Felipe VI.a erregeari gutun bat bidali dio erabakiaren berri emateko, eta adierazi «sentimendu osoz» hartutako erabakia dela. Errege emerituaren esanetan, ia lau hamarkadako erregealdian «Espainiarentzat eta koroarentzat onena» nahi izan du. Azken hilabeteetako informazioek eta haren aurka hasitako prozesu judizialek, ordea, jomugan jarri dute hark urte horietan guztietan izaniko rola. Bere erabakiaren arrazoia Felipe VI.ari lanak erraztea dela argudiatu du gutunean, semearen «ardura handiak» kontuan izanik. Horregatik, bere «duintasunak» eskatutako erabakia dela gehitu du. Espainiako errege etxearen arabera, egungo erregeak bere aitaren erabakia «eskertu» du, eta Juan Carlos Borboikoaren erregealdiaren «garrantzia historikoa» azpimarratu. Errege emerituaren abokatuak adierazi duenez, estatuburu emerituak, Espainiatik alde egin arren, prestasun osoa du justiziarekin elkarlanean jarduteko. Ikerketak irekita, Suitzan eta Espainian Juan Carlos I.aren aurkako prozesuak 2018. urtean hasi ziren. Suitzako Polizia Judizialeko agenteak, fiskaltzaren aginduetara, Arturo Fasanaren funts gestoriara sartu ziren, eta herrialde hartako bankuetan kontuak irekita zeuzkaten bi fundazio aurkitu zituzten. Lehenak (Zagatka) Liechtensteinen zuen egoitza, errege emerituaren urruneko lehengusu baten izenean, eta haren bitartez ordaindu zituzten Juan Carlos Borboikoak Corinna Larsen bikotekide ohiarekin eginiko bidaiak. Bigarrenak (Lucum), berriz, Panaman zuen egoitza, onuradun nagusia Juan Carlos I.a izanik, eta bigarrena, berriz, Felipe VI.a. Albistea, ordea, ez zen jakinarazi aurtengo martxora arte. Orduan, Felipe VI.ak errege emeritu gisa zuen urteko 200.000 euroko esleipena kendu zion bere aitari, eta adierazi uko egingo ziola harengandik jaso beharreko herentziari —ezin zaio uko egin hil arte—. Gainera, une horretan, Errege Etxeak publiko egin zuen Felipe VI.ak urtebete lehenago jakin zuela fundazioaren onuradun gisa agertzen zela, bere arrebekin batera. Informazio hori Larsenek eman zien. Ikerketa hartatik abiatuta, Suitzak jakinarazi zuen Arturo Fasanak 68,8 milioi euro sartu zituela Lucum fundazioaren kontuan. Saudi Arabiako Finantza Ministerioa zuten jatorria, eta Mekarako trenbidearen esleipenarekin lotutako komisio bat izan liteke. Lau urte geroago, diru hori Bahametako beste kontu batera mugiarazi zuen errege emerituak; Solare sozietatearen izenean zegoen kontu batera. Sozietate horren jabea Larsen zen. Suitzako fiskaltzak kontu guztiak enbargatu zituen, eta auzi bat ireki zuen, sekretupean, diru zuritzeagatik. Uneotan, Espainiako errege emeritua ez dago ikerketapean, baina iturri judizialek ez dute baztertu aurrerago egon ahal izatea. Suitzak Espainiako fiskaltzari emaniko datuak kontuan izanik, estatuko fiskal nagusi Dolores Delgadok Auzitegi Gorenaren esku utzi zuen kasuaren ikerketa. Hura da Juan Carlos Borboikoa epaitu dezaken auzitegi bakarra. Uneotan ikertzen ari direna da ea errege emerituak abdikatu eta gero deliturik —diru zuriketa eta delitu fiskalak— egin izanaren zantzurik baden.
2020-8-3
https://www.berria.eus/albisteak/185203/hutsune-handia-uzten-diguzu-baina-gurekin-jarraituko-duzula-badakigu.htm
Gizartea
«Hutsune handia uzten diguzu, baina gurekin jarraituko duzula badakigu»
Joan Mari Torrealdairen alabak aitari zuzendutako agurra irakurri du, senideen izenean. Hark utzitako azken hitzak ere irakurri ditu: «Harro nago eraiki dudanaz, bai familia eta lagunarte mailan, eta baita euskal kultura eta gizarte mailan ere; ezin hobea izan dut bizitza eta eskertua nago guztiz».
«Hutsune handia uzten diguzu, baina gurekin jarraituko duzula badakigu». Joan Mari Torrealdairen alabak aitari zuzendutako agurra irakurri du, senideen izenean. Hark utzitako azken hitzak ere irakurri ditu: «Harro nago eraiki dudanaz, bai familia eta lagunarte mailan, eta baita euskal kultura eta gizarte mailan ere; ezin hobea izan dut bizitza eta eskertua nago guztiz».
«Familiaren ardatz, hutsune handia uzten diguzu, baina gurekin jarraituko duzula badakigu, gu zaintzen, gure bidelagun». Joan Mari Torrealdairen alaba Garazi Torrealdai Gorritik aita omentzeko hitz batzuk izan ditu haren hiletan. Aitaren partetik mezu bat ere bidali die inguratutakoei: «Bakean joan naiz familiaz inguratuta, bizitzak eman didan guztiari eskertua». Senideek Joan Mari Torrealdairenganako zuten maitasun sentimendua adierazi nahi izan du haren alabak: «Bihotz-bihotzez maite zaitugu». Torrealdai «lasai» joan dela adierazi du, baina amaierara arte «borroka» eginda, «zuk bakarrik dakizun bezala». Hark utzitako ondarea ere azpimarratu du: «Zailtasunen aurrean adorea erakutsi izan duzu beti. Zurekin ikasi dugu adore hitzaren esanahia zein den, kemena, talde lana». Torrealdai lanean aritu da amaierara arte, eta hala gogoratu nahi izan dute. Aitaz, eta hark erakutsitako balioez, «harro» daudela nabarmenduta: «Harro, pertsona hobeak egin gaituzulako. Zortekoak gu, senar eta aita gisa izan zaitugulako; zenbat zor diogun bizitzari zutaz gozatzeko aukera emateagatik. Ohore bat izan da, aita». Joan Mari Torrealdaik utzitako hitz batzuk ere helarazi ditu. Hauek dira, osorik, Torrealdaik utzitako azken hitzak, bere alabaren ahotik: «Bakean joan naiz familiaz inguratuta, bizitzak eman didan guztiari eskertua. Ezin izan zaituztet guztiok banan-banan agurtu, baina badakit ulertu eta barkatuko nauzuela. Harro nago eraiki dudanaz, bai familia eta lagunarte mailan, eta baita euskal kultura eta gizarte mailan ere; ezin hobea izan dut bizitza eta eskertua nago guztiz. Eta, nola ez, nire eskerrik beroenak Beatrizi, amari, azken urteetan nire ondoan tinko eta gogor eutsi dion emakume ausartari. Bera gabe nola jarraitu aurrera... Nire ardatza, emazte bikaina. Bizitza zor dizut». Hiletara gerturatu direnentzat, eta «gure aitaren bizitzan egon zareten guztiontzat» ere, esker hitzak izan ditu Garazi Torrealdaik, «aitari eman diozuen bizitza zoragarri honengatik». «Beti egongo da gu guztion bihotzetan», amaitu dute: «Bihotzez maite zaitugu eta ez adiorik, aita».
2020-8-5
https://www.berria.eus/albisteak/185204/izar-bat-oinak-lurrean-zituena.htm
Kirola
Izar bat oinak lurrean zituena
Euskal Herriko atezainik loriatsuenen artean dago Jose Arakistain. Realean hasitako bideak goia jo zuen Real Madrilen aritu zenean, eta, tituluak lortzeaz gain, Txileko Munduko Txapelketa jokatu zuen 1962an. Haatik, Realeko aldia goratu du: «Haiek izan ziren urterik politenak».
Izar bat oinak lurrean zituena. Euskal Herriko atezainik loriatsuenen artean dago Jose Arakistain. Realean hasitako bideak goia jo zuen Real Madrilen aritu zenean, eta, tituluak lortzeaz gain, Txileko Munduko Txapelketa jokatu zuen 1962an. Haatik, Realeko aldia goratu du: «Haiek izan ziren urterik politenak».
Mende erdia baino gehiago igaro da Aritza baserrian jaiotako mutiko hark munduko estadioetan jauziak eta geldiketak egiten zituenetik, baina Jose Arakistain Arrietak (Azkoitia, Gipuzkoa, 1937) gogoan ditu ordukoak. Horretarako modua eman dio futbol profesionalean osatutako hamazazpi denboralditan (1956-1973) lortutako sarien zerrenda oparoak: Europako Kopa bat, sei Espainiako Liga eta Espainiako Kopa bat ditu irabaziak. Egungo argazki bat. JON URBE, FOKU Lagunartean jokatzen hasi, Elgoibarko taldera egin zuen jauzi lehendabizi, eta Realera gero. Donostian ondo aritu izanak bide eman zion ondoren Real Madrilera joateko, eta zurien taldearekin eskuratu zituen garaikur guztiak. Garai hartan jokatu zuen Txileko Munduko Txapelketa, 1962an, Espainiako selekzioaren elastikoa soinean zuela. «Kirol aldetik, nire urterik onenak izan ziren. Europako Kopako finala bi aldiz jokatu nuen, eta bat irabazi genuen, Real Madrilen seigarrena. Ikaragarria izan zen hori lortzea», esan du Arakistainek. 1965-1966 sasoian izan zen hori; Santiago Bernabeuren, Antonio Calderonen eta Raimundo Saportaren gidaritzapean zegoen klub zuria: «Izugarri balio zuten. Lanerako toki serioa zen, eta jokalariei eta haien familiei laguntzeko zeuden beti. Gainean egoten ziren». Arakistainek zazpi urte egin zituen Madrilen, eta haietatik seitan liga irabaztea lortu zuen. Haren esanetan, halakorik lortzea ez da erraza izaten: «Madrilen kontra beste motibazio bat izaten zuten aurkariek. Realean geundenean ere, ez genuen drogarik behar izaten haien aurka aritzeko. Gogoa zen droga hori». Onerako edo txarrerako, demaseko dimentsioa du Espainiako klubak. Berehalakoan hauteman zuen hori Arakistainek, Reala utzi eta harako bidea hartu orduko: «Hemen, kazetari bat etortzen zen ostiraletan, hamaikakoa jakitera, eta kito. Han, asteko egun guztietan zegoen dozena bat kazetari. Oso ezberdina zen». Dena den, Realeko urteei egin die azpimarra Azkoitian jaiotako atezain ohiak: «Niretzat, haiek izan ziren urterik politenak». Bestelako egoera batean zegoen Reala: sarri mailaz igo eta jaitsi egiten zenez gero, talde igogailua deitzen zioten, baina «gazteen ilusioak» eta «indarrak» horrek baino gehiago balio zuen Arakistainentzat: «[Jose Antonio] Irulegi eta ni ginen gazteenak, eta oso ondo hartzen gintuzten. Oso bizimodu pozgarria zen». Txuri-urdinek 1956ean fitxatu zuten Arakistain, eta han aritu zen 1960-1961 sasoiaren amaierara arte. Lehen bi urteetan, egunero egiten zuen Elgoibartik Donostiarako joan-etorria: «Trenean joaten nintzen entrenatzera, eta bazkalostean itzultzen nintzen». 18 urte zituela, Donostiara joan zen bizitzera. Ordurako maila onean ari zen atea zaintzen. «Taldeak sufritu» egiten zuen, baina, bera ondo aritu zenez, Espainiako selekzioko hautatzailearen deia jaso zuen, artean 20 urte zituela. «Bigarren taldean hasi nintzen, eta 21 urterekin talde nagusira igaro nintzen, [Antoni] Ramalletsen ordezko gisa». Urte haietan, Reala etxean aritzen zen aldiro Atotxako atea zaintzea egokitzen zitzaion Arakistaini: «Kristoren giroa egoten zen, jendea ia-ia gainean zela. ikaragarri gustatzen zitzaidan han jokatzea». Lan onaren ordaina Bere ibilbidean koska bat gorago aritzeko aukera 1961-1962 sasoian iritsi zitzaion. Egindako lan onak gorengo mailako kluben interesa piztu zuen, eta bere ibilbideari beste norabide bat eman zion orduan: «Real Madrilera edo Bartzelonara joateko aukera nuen. Garai hartan madrildarrak hobeagoak ziren, eta hara joatea erabaki nuen». Guztira, 123 neurketa jokatuta utzi zuen Reala. Zurien ordezkariak Euskal Herrira etorri ziren, donostiarrekin eta jokalariarekin hitz egiteko. «Gauzak errazagoak ziren», esan du Arakistainek, garai hartan ez baitzeuden futbolarien agenteak eta halakoak. Hala, ados jarri ziren alde guztiak; Real Madrilek garai hartako sei milioi pezeta (36.060 euro) ordaindu zituen, eta, horrez gain, lau jokalari utzi zizkion Donostiako taldeari. Haien artean zen Agne Simonsson aurrelari suediarra: «Izen handia zuen. 1958ko Munduko Txapelketan bigarren golegile nagusia izan zen». Real Madrilekin Europako Kopa irabazi zueneko argazkia. Seigarrena zuen Espainiako taldeak. JOSE ARAKISTAIN Akordio horren ondorioz joan zen Arakistain Madrilera, «pena handiaz». Izan ere, mundu mailan onenen artean zegoen talde batera joanagatik, «hemengo bizimodua, familia eta lagunak uztea izugarri kostatu» zitzaion, baina hartu zion neurria hangoari ere. Real Madrilera iritsi, eta agudo egin zuen lekua hamaikakoan. Estreinako urte hartan gol gutxien jaso zuen atezaina izan zen, eta Espainiako Liga eta Kopa irabazi zituen. Jokalari on askoak zituen taldeak: «[Alfredo] Di Stefano, [Ferenc] Puskas, [Paco] Gento, [Emilio] Santamaria... Munduko onentsuenak ziren». Haiekin harreman ona izan zuen Elgoibarkoak, baina, azaldu duenez, «jokalari handi-handiak, bereziak» dira izaeraz: «Bestelako ukitua dute, baina jatorrak dira. Puskasen oso laguna nintzen». Txileko esperientzia hura Bere ibilbideko mugarrietako bat Txilen ezarri zuen Arakistainek. Espainiako selekzioaren deialdian izan zen Munduko Txapelketa jokatzeko, eta gisa horretara izan zuen nazioarteko lehia nagusian aritzeko modua. «Ondo sentitu nintzen», esan du Arakistainek. Urte hartan 60 neurketatik gora jokatu zituen, eta bera zen atezain titularra Helenio Herrerak zuzendutako talde hartan: «Entrenatzen hasi ginenean, xisko eginda geratu ginen. Pentsa, 77-78 kilo pisatzen nuen, eta 72 kiloan geratu nintzen». Entrenamenduetan jasotako astinduen ondoren, hautatzaileari gauza ez zela esan, eta hark aulkian utzi zuen: «Carmelok [Cedrun] jokatu zuen Txekoslovakiaren eta Mexikoren aurka. Brasilen aurka nik jokatu nuen». Lehiaketa hartan urrunago ez iristeak penatu zuen Arakistain. Oso talde ona zutela dio, «Brasilen adinakoa». Huraxe izan zuen Munduko Txapelketa batean izandako esperientzia bakarra, baina, handik itzulita, garaipenen xendari helduta segi zion kluben arteko txapelketetan, nahiz eta haren parte hartzeek murriztera egin zuten. Gauzak horrela, 1968-1969 sasoian, Real Madril utzi, eta Elxen hartu zuen ostatu. Historiako urterik onentsuenak osatzen ari zen talde hura, eta gertu izan zuten garaikur bat lortzeko aukera: «Athleticen aurka jokatu genuen Kopako finala. Ligan seigarren-edo izaten ginen, eta finalerako sailkatu ginen». Atezain bizi bat 1973an utzi zuen futbola Jose Arakistainek, eta jokoa asko aldatu da orduz geroztik. Horren adibide gisa ditu baloien pisua, zelaietako lokatza eta abiadura. «Jokoa motelagoa izaten zen, ezberdina, eta ezin da ordukoarekin alderatu». Garai haietantxe azaldu ziren futbol modernoaren lehendabiziko zertzeladak, eta, hain justu, Herrera prestatzailea izan zen haien pizgarrietako bat. Bi hamarkadaren arteko trantsizio horretan, Arakistainek berak zuen jokatzeko estiloaz galdetuta, atezainak dio bera ez dela nor hortaz mintzatzeko, baina «azkarra eta kalkuluak ondo egiten zituena» zela. Hala, area txikian nagusitzeko modua egiten zuela esan du, eta argitara ekarri du datu esanguratsu bat: 14 urtera arte erdiko atzelariaren postuan aritzen zen. Kontuak aterata, bizpahiru urte besterik ez zituen egin atezain gisa hasi zenetik futbol profesionalerako jauzia egin zuen arte: «Lagundu zidan horrek, hankekin jokatzerakoan eta. Ateko sakeak neuk ateratzen nituen, eta garai haietan hamarretik zortzitan ez zen hala». Euskal atezainek historikoki izan duten maila onaren inguruan, Arakistainek azaldu du ez duela bat egiten askok hondartzako futbola arrazoi nagusienetako baten gisa jotzeko duen ohiturarekin. Alde horretatik, bestelako kirolen garrantzi handiagoa azpimarratu du: «Pilota eta frontoiko jokoak oso onak dira, erreflexuak lantzeko, adibidez. Nik asko ikasi nuen pilotarekin, udaletxe azpiko arkupeetan». Arkonada, Arakistain, Eizagirre, Iribar eta Zubizarreta. JOSE ARAKISTAIN Pilotan «asko» aritutako da Arakistain, eta kontzejupean aritzea «teknika hobetzeko» baliagarria izan zitzaion, esaterako, kalkuluak egiterako garaian. «Herrian bagenuen pilotari bat, antzinako profesionala, Arriola III.a, eta hark esaten zidan futbola utzi eta pilotan egiteko». Izan ere, gaztea zenean hiru kirol besterik ez zituzten hautatzeko: atletismoa, pilota eta futbola. Hiruretan aritutakoa da, eta bakoitzean pilatutako jakintzak eraman du euskal atezainik onentsuenen zerrendara. Sei Liga, Europako Kopa bat eta Espainiako Kopa bat. Egun bateko txinpartatik abiatuta, sari zerrenda luzea utzi du Josetxo Arakistainek: «Soraluzen jokatzen zen inguruetako txapelketarik garrantzitsuena, eta hemengo [Elgoibarko] kuadrilla bat zegoen izena emanda. Zaharragoak ziren guztiak, eta ni, 14 urterekin, atezain jarri ninduten». Horrela hasi zen atezain postuan. Lagunarteko lehia batetik estadio handienetaraino. Izar bat izan da, nahiz halakorik ez duen uste. Hankak lurrean izan ditu beti, baita final batean penaltia jaurti izan diotenean ere. Gustatu zaiona egiteko modua egin du, eta horrek balio dio: «Futbolak mundua ikusteko eta hortik bizitzeko aukera eman dit. Jainkoari eskerrak, bizitzan ez dut zertaz damuturik». Gauzak ondo egin dituen seinale.
2020-8-4
https://www.berria.eus/albisteak/185205/torrealdairen-azken-mezua-bakean-joan-naiz-harro-nago.htm
Gizartea
Torrealdairen azken mezua: «Bakean joan naiz. Harro nago»
Azken agurra eman diote Joan Mari Torrealdairi Usurbilen. Despedidarako utzitako mezua irakurri dute hiletan: «Harro nago eraiki dudanaz».
Torrealdairen azken mezua: «Bakean joan naiz. Harro nago». Azken agurra eman diote Joan Mari Torrealdairi Usurbilen. Despedidarako utzitako mezua irakurri dute hiletan: «Harro nago eraiki dudanaz».
Horma sendoa, harriz harri eraikia, zimendu sendotik gora jasoa. Usurbilgo elizaren horma sendoa. Dorrearen oinetan, ate ondoan, argazki handi bat, Joan Mari Torrealdairena. Beste horma sendo bat, arloz arlo eraikia eta zimendu sendokoa, joan den ostiralean heriotzak ilundua, 77 urterekin. Haren hileta, Usurbilgo elizan (Gipuzkoa). Horma barru eta kanpo, jendetza handia, aurreko egunetan hil kaperan bezalaxe. Egindako ibilbidea goraipatzeko egunak izan dira, eta utzitako ondarea eskertzekoak, eta jasandako mina ez ahaztekoak. Eta agurrean, soseguzko mezu bat: «Bakean joan naiz, familiaz inguratua, bizitzak eman didan guztiari eskertua. Harro nago eraiki dudanaz». Horma sendo bat, arantzazko horma bat, aldarean, irudi handitan: Arantzazuko santutegi ataria (Oñati, Gipuzkoa). Arantzazu, Torrealdairen «jaioleku kulturala». Bertako seminarioan sartu zen 1954an, 12 urterekin. Euskal kulturarako bidea izan zitzaion: bertan murgildu zen Jakin taldean, adibidez. Arantzazuk presentzia handia izan du hiletan. Salbatore Mitxelenaren Zuk zer dezu, Arantzazu? kantuaren doinuarekin sartu dituzte errautsak elizara, Beatriz Gorriti alargunaren besoetan, eta Bitoriano Gandiagaren Dezagun argia piztu olerkia kantatuz hasi dute elizkizuna. Horma sendo bat, askotariko harriz eraikia. Ia 60 urteko bidea utzi du Torrealdaik euskalgintzan eta kulturgintzan, eta haren itzalean sortu eta sendotu dira proiektu ugari. Agurrean izan dira Jakin aldizkariko lankideak, Euskaldunon Egunkaria-koak eta BERRIAkoak, Euskaltzaindikoak eta euskalgintzako beste dozenaka lekutakoak. Belaunaldi berrikoak eta zaharrekoak. Katea da Torrealdai. Horma sendoa, itzal handikoa, baina harremanetarako gai zena. Ehuna josi du urteotan, eta azkenean ere bai. Erakundeak eta herrigintza bildu ditu, tradizio politiko bateko eta besteko ordezkariak. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Bingen Zupiria, EAJko buru Andoni Ortuzar eta EH Bilduko ordezkari Maddalen Iriarte. Eta beste dozenaka eragile eta taldetako kideak. Tortura eta gorrotoa Horma sendoa, baina zauritua, pitzatua. Hezur muineko minbiziak eraman du, duela bost urte atzemandako gaitzak, Egunkaria itxi osteko atxiloaldian jasandako torturarekin lotu zuen minbiziak. «Esaten nuen hezur muineraino min egin zidatela. Hezur muinean agertu zitzaidan minbizia». 2003an eragin zioten zauria, eta odol gorritan eduki zuen 2014ra arte, auzibideak itxi arte. Zauria ez zen itxi. 2015ean azaleratu zen. Horma pitzatua, baina osorik eutsi ziona. Azken urteetan lanean jarraitu du Torrealdaik, azkenera arte ia —duela hilabete entregatu zuen azken liburua—, nahiz eta «zauri kulturala» ere sortu zioten, agiriak kenduta eta nahasita. «Ez ahaztu»: mezu hori bidali zuen Egunkaria auziaren bukaeran. Ibon Alberdi apaizak horri heldu dio hiletan: «Ahaztea ez da kristaua, baizik eta bakez gogoratzea. Torturak jasan ondoren gorrotorik ez duenak ulertu du hori». Maiz esan du Torrealdaik: mina zuela, ez gorrotorik. Alberdi: «Ez dezagun ahaztu gure herrian hainbatek jasandakoa, baina hori ez bedi izan gorroto iturri». Horma sendoa, baina eliza dardarka jarri dute hiletan. Lehenik, Manex Torrealdai semeak eta haren bikotekide Kattalin Zubizarretak: Leonard Cohenen Hallelujah-ren bertsio bat egin dute gitarra eta trikititan, eta Mendian gora haritza-ren bat ere bai, Torrealdaik hain gogoko zuen abestia. Garazi Torrealdai alabak eskutitz hunkigarri bat irakurri du ondoren, aitari eskerrak emateko gutuna: «Bukaerara arte egin duzu borroka. Zailtasunen aurrean adorea erakutsi izan duzu beti. Zurekin ikasi dugu adore hitzaren esanahia zein den: kemena, talde lana». Ez da mezu bakarra izan: Torrealdaik berak ere utzi du despedidakoa, alabaren ahotsean irakurria. «Bakean» joan dela esan du, eta «harro» dagoela: «Harro nago eraiki dudanaz, bai familia eta lagunarte mailan, baita euskal kultura eta gizarte mailan ere. Ezin hobea izan dut bizitza, eta eskertua nago guztiz». Senideak eta lagun gertukoenak agurtuta hil zen ostiralean, etxean. «Ezin izan zaituztet zuek guztiok banan-banan agurtu, baina badakit ulertu eta barkatuko didazuela». Bereziki gogoan izan du emaztea: «Azken urteetan nire ondoan tinko eta gogor eutsi dion emakume ausarta. Bera gabe nola jarraitu aurrera... Nire ardatza. Bizitza zor dizut». Horma sendoa ilundu da. Eliza atarian agurra, jendetzaren artean, Torrealdairen errautsen aurrean: Jon Maia dantzariaren agurra, Mendian gora haritza-ren doinuarekin, eta herria kantuan, Adio laguna eta Behin betiko ahotan. Eta txaloak: bi minututik gorako txalo amaigabeak. Ilundu da horma. Baina zutik dago eginikoa.
2020-8-4
https://www.berria.eus/albisteak/185239/langabeziaren-igoerak-eten-bat-izan-du-abuztuan.htm
Ekonomia
Langabeziaren igoerak eten bat izan du abuztuan
183.408 langabe erregistratu zeuden uztailean Lanbiden eta Nafar Lansaren, ekainean baino 1.504 gutxiago. Beste 37.000 langile atera dira erregulaziotik; 50.000 geratzen dira
Langabeziaren igoerak eten bat izan du abuztuan. 183.408 langabe erregistratu zeuden uztailean Lanbiden eta Nafar Lansaren, ekainean baino 1.504 gutxiago. Beste 37.000 langile atera dira erregulaziotik; 50.000 geratzen dira
Lau hilabetez zenbaki beldurgarriak eman ondoren, langabeziak igotzeari utzi dio. Uztailaren amaieran 183.408 lagun zeuden lanik gabe Hego Euskal Herrian, hilabete lehenago baino 1.504 gutxiago. Antzera handitu da Gizarte Segurantzan kotizatzen duten langileena ere (+1.472). Hobekuntza apala da, eta, ziur asko, faktore bati lotuta dago: udan ostalaritzan eta turismoari lotutako lanetan sortzen den aldi baterako enpleguari. Hau da, sortu den bezala desagertzeko arriskua duela. Ikusi beharko da, era berean, zer gertatzen den udazkenean enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientea duten langileekin. Uztailean 50.676 zeuden erregulazioan, Espainiako Gizarte Segurantzako Ministerioaren arabera. Ekainaren amaieran baino 37.000 gutxiago dira, eta erregulazioek goia jo zutenean baino 180.000 gutxiago. Erregulazioan dauden langileei buruzko kezka handia azaldu du Borja Belandia Lanbideko zuzendariak: «Arazo serioa izango du aldi baterako espedienteak ezin badira irailetik aurrera luzatu». Ez dirudi hori gertatuko denik, Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroak azken egunotan baieztatu baitu baldintza bereziko erregulazioak luzatu egingo dituztela irailaren 31n amaitzen direnean. «Ez dugu babes sistema bat sortu ondoren alde batera uzteko», argudiatu du. Atzo, berriro ere, aldi baterako erregulazioei eusteko deia egin zuten sindikatuek. «Enpleguaren suntsiketa eragozteko eraginkortasun handia erakutsi duen tresna bat da», azaldu zuen Nafarroako UGTk. Turismoaren ondorioa Herrialde eta eskualde turistikoetan ez bezala, Hego Euskal Herrian uztaila ez da beti ona izaten enpleguarentzat. Turismoarekin lotutako negozioek enplegua sortu ohi dute, baina beste atal askotan kalera joan ohi dira ordura arte lanean egondako milaka langile; hezkuntzan, esaterako. 2018an eta 2019an gora egin zuen langabe kopuruak. Baina 2020a, nola ez, ezohiko urtea izaten ari da lan merkatuarentzat ere, eta behera egin du langabe kopuruak, apal bada ere (-1.504). Bi faktorek azal dezakete aldaketa hori: batetik, ohikoan udan lana galtzen duten batzuek udaberrian galdu dutela aurten; bestetik, ostalaritzari lotutako jarduera batzuetan uztailera arte itxaron dutela langileak kontratatzeko, herritarrak alde batetik bestera aske mugitzeko debekuak erabat kendu eta negozioak ireki diren arte. Langabezia batez ere zerbitzuetan apaldu da (-1.595), baina industrian ere pixka bat jaitsi izanak (-194) erakuts dezake sektore horren jarduera leheneratzen ari dela. Hala ere, ohar bat egin du Belandiak: «Industria sektorea enpleguari eragingo dioten erabakien aurreko fase batean dago». Hau da, Lanbideko zuzendaria beldur dela uda bukatutakoan luzatu egingo ote den kaleratze masiboak iragarri dituzten enpresen zerrenda. Edonola ere, zantzu positibo horiek guztiek ez dute ezkutatzen larria dela egoera. Iazko uztailean baino ia 40.000 langabe gehiago daude Lanbiden eta Nafar Lansaren. Hau da, %27 handitu da langabezia azken urtean. Igoera handiago bat 2008tik 2009ra ikusi zen soilik, baina hilabete gehiagotan zehar izan zen. Lau urte egin behar da atzera antzeko langabe kopuru bat aurkitzeko. Langabeen %55,5 dira emakumezkoak eta %44,5 gizonezkoak. Alde horretatik, koronabirusaren krisiak ez du gehiago okertu andrazkoen egoera kaskarragoa, iazko uztailean langabeen %58,5 baitziren emakumeak. Iaz baino 38.000 afiliatu gutxiago Langabeak galtzeaz gain, langile batzuk berreskuratu ditu lan merkatuak: batez beste, ekainean baino 1.471 lagun gehiagok kotizatu dute Gizarte Segurantzan. Igoera txikia da, kontuan hartuta martxotik ekainera 38.000tik gora afiliatu galdu zituela sistemak, horietatik 2.000 inguru autonomoak eta beste hainbat etxeko langileak. Erregulazioek desitxuratutako datua Aldi baterako erregulazioek guztiz baldintzatu dituzte langabeen babes sistemari buruzko datuak. Izan ere, Espainiako Lan Ministerioak bere datuetan ez du bereizten langabezia saria jasotzen dutenen artean zenbat dauden lanik gabe eta zenbat dauden aldi baterako erregulazioan; azken horiek, sailkapen guztien arabera, ez dira ofizialki langabeak. Horrela, ekainean 153.314 lagunek jaso zuten sari bat, hau da, hilabete horretan lanik gabe zeudenen %87k. Baina horien artean dozenaka mila dira erregulazioan dauden langileak, Espainiako Gobernuak pandemiaren hasieran onartutako arauek egoera horretan dauden langile guztiei bermatzen dielako saria.
2020-8-4
https://www.berria.eus/albisteak/185240/bi-eguneko-etxeratze-agindua-ezarri-dute-kaxmirren-manifestazioak-eragozteko.htm
Mundua
Bi eguneko etxeratze agindua ezarri dute Kaxmirren, manifestazioak eragozteko
Bihar beteko da urtea Indiako Gobernuak estatus berezia kendu ziola. Egun beltza izendatu du oposizioak biharkoa, eta protesta baketsuak antolatu ditu
Bi eguneko etxeratze agindua ezarri dute Kaxmirren, manifestazioak eragozteko. Bihar beteko da urtea Indiako Gobernuak estatus berezia kendu ziola. Egun beltza izendatu du oposizioak biharkoa, eta protesta baketsuak antolatu ditu
Bozak irabazi eta lau hilabete aski izan zituen eskuineko BJP Aliantza Nazional Demokratikoa alderdiak kanpainan iragarritakoa bete eta Indiako Konstituzioko 370. artikulua indargabetzeko. Kaxmir eskualde autonomoari estatus berezia aitortzen zion puntu horrek, eta, hura ezabatuta, New Delhiren menpe geratu zen eremua. Bihar beteko da urte bat erabakia indarrean sartu zenetik, eta eskualdeak bere horretan jarraitzen du. Oposizioak Egun beltza izendatu du biharkoa, eta protesta baketsuak egitera deitu du. Horiek eragozteko, bi eguneko etxeratze agindua ezarri du Indiak. «Polizia eta militarrak bidali ditugu Kaxmirrera, separatistek liskarrik eragin ez dezaten», adierazi dute gobernuko iturriek. Indiako Gobernuaren ordezkari Shahid Iqbal Choudharyk jakinarazi duenez, Srinagar hiriburuan segurtasun indarrak etxez etxe joan dira herritarrei kalera ez irteteko aginduz. «Pakistanek lagundutako taldeak liskarrak eragiteko asmotan dabiltza, eta ez dugu halakorik ahalbidetuko», ohartarazi du. Iazko abuztuaren 5ean, Narendra Modi lehen ministroaren gobernuak autonomia kendu zion Jammu eta Kaxmir eskualdeari eta bitan banatu zuen eremua, estatus bereziak haren garapenari «kalte» egiten ziola argudiatuta. Oposizioak salatu du gehiengo musulmana duen eskualdeko demografia aldatzea duela helburu gobernuak. Atxiloketak Estatus berezia kendu ostean, Kaxmir itxi egin zuten hainbat hilabetez, eta baita Indiako Gobernuarekin kritikoak ziren hainbat buruzagi politiko atxilotu ere. Oposizioaren arabera, haietako ehunka daude oraindik espetxean. Martxoan, pandemiaren aurkako neurriak argudiatuta, beste etxeratze agindu bat ezarri zuen gobernuak eremu osoan. Giza eskubideen aldeko erakundeek «herritar musulmanen aurkako politikak bultzatzea» egotzi zioten Modiren gobernuari.