date
stringdate
2012-09-20 00:00:00
2023-12-01 00:00:00
url
stringlengths
47
182
category
stringclasses
10 values
title
stringlengths
3
140
subtitle
stringlengths
0
1.17k
summary
stringlengths
5
1.18k
text
stringlengths
2
35.8k
2020-10-21
https://www.berria.eus/albisteak/188627/urrutikoetxearen-auzia-instrukziora-bidali-dute-berriz.htm
Politika
Urrutikoetxearen auzia instrukziora bidali dute berriz
2010-2013ko prozesuagatik epaitzekoa zuten gaur Josu Urrutikoetxea, Parisko Zigor Auzitegian. Bigarren aldia da epaileak dosierra instrukziora bidaltzen duela.
Urrutikoetxearen auzia instrukziora bidali dute berriz. 2010-2013ko prozesuagatik epaitzekoa zuten gaur Josu Urrutikoetxea, Parisko Zigor Auzitegian. Bigarren aldia da epaileak dosierra instrukziora bidaltzen duela.
Parisko Zigor Auzitegira deitua zen gaur arratsaldean Josu Urrutikoetxea, 2010 eta 2013 artean ETAko kide izan zelakoan, gaizkile elkarteko kide izatea leporatuta. Baina, azkenean, ez du auzirik izan. Fiskaltzak hala eskatuta, dosierra berriz instrukziora bidaltzea erabaki du epaileak, erregularizatzeko. Harritua mintzatu da Egoitz Urrutikoetxea, Josuren semea: «Bigarren aldia da dosierra berriz instrukziora bidaltzen dutena; ez da sekula horrelakorik ikusi». Auzia ekainaren 15ean eta 16an ezarri dute, baldin eta auzibidea berriz instrukziotik garaiz heltzen bada. Litekeena da beranduago izatea. 2017an epaitu zuten Urrutikoetxea auzi horretan, bera hor ez zegoela. Zortzi urteko kartzela zigorra eman zioten, 2011tik 2013ra ETAren zuzendaritzako partaide izatea egotzita; epaiak zekarrenez, «nagusitasunezko posizioa» zeukan, «ez soilik talde politikoan». 2019ko maiatzean atxilotu zutenean, auzia berriz egitea eskatzeko eskubidea zuen, eta hala egin zuen. Iazko irailean izan beharra zen, baina, prozedura akatsak zirela-eta, epaileak dosierra berriz instrukziora bidaltzea erabaki zuen. Gaur, erabaki bera hartu du. «Hasieran, auziperatua izan zen gaizkile elkarteko kide izateagatik hiru lekutan: Norvegian, [Okzitaniako] Ariege eskualdean eta Pirinio Atlantikoetan. Afera lehen aldi batez instrukziora bidali zen, eta, instrukzio epaileak dosierra berriz epaitegira bidaltzean, Pirinio Atlanikoetako akusazioa baizik ez du atxiki», esplikatu du Laure Heinich defentsaren abokatuak. «Guk erraten duguna da Pirinio Atlantikoetan ez dela elementu bakar bat ere Urrutikoetxearen kontra. Garai hartan ez zen lurralde horretan egon. Beraz, zigor auzitegiko epaileak uste du instrukzio epaileak ez duela bere lana osoki egin, eta Ariege eskualdea ere barnean hartu behar zuela». Josu «kosta ahala kosta» zigortzeko borondatea ikusten du gertatutakoan Egoitzek: «Ohartu dira gaur epaitzen bazuten errugabetzat jo beharko zutela», salatu du. Besteak beste, Norvegian egon zen garai haietan Josu Urrutikoetxea, ETAren ordezkari gisa PSOEren gobernuarekin gatazkaren ondorioez aritzeko. Nazioarteko bitartekarien bidez, ETAk eta Madrilek 2011ko udan adostu zuten Oslon mahai bat sortzea —ETAk atzo bederatzi urte eman zuen bukatutzat jarduera armatua—, baina azaroan PPk irabazi zituen hauteskundeak, eta Espainiako Gobernua ez zen mahaira agertu ere egin. Afera berriz instrukziora bidaltzearekin, prozedura berriz errepikatuko dela deitoratu du Heinichek: «Berriz akusaziopean emana izanen da, galdeketa bat izanen da, berriz auzitegian agertzeko agindua izanen du...» Adierazi du «domaia» iruditzen zaiola hasieratik «disfuntzioak» dituen dosier horretan «ondorioak» ez ateratzea. «Momentu baten buruan, justizia behin eta berriz zangotrabatzen denean, erran nahi du dosierrak ez duela funtsik. Gaur, epaileak ez zuen elementurik Urrutikoetxea kondenatu ahal izateko, eta ondoko aldian ez du gehiago izanen, ez Pirinio Atlantikoetan, ez Ariege eskualdean. Ez zaio gaizkile elkarteko arau hausterik leporatzen ahal; beraz, ez du ezer aldatuko». Parisen kontraesanak, auzitara Bi prozedura ditu Frantzian Urrutikoetxeak. Horietako bat, gaurkoa, 2010-2013 garaiari lotua. Bigarrena, 2005-2006ko prozesuari lotua, astelehen eta asteartean iragatekoa zen, baina heldu den otsailera gibelatzea erabaki zuen epaileak, defentsa abokatuen eskariz, osasun egoerak lekukoen presentzia arriskuan jar zezakeelakoan. Lau lekuko deituak ditu Urrutikoetxearen kontrako epaiketa horretarako: Jesus Egiguren, Raymond Kendall, Gerry Kelly eta David Harland. Defentsak uste du nazioarteko prozesuetako parametroak urratzen direla auzi honetan. Frantziako Poliziak, barne txosten batean, ETAren ordezkaritzat zeukan, ez buruzagitzat eta ez etakidetzat. Bi guardia zibil esanguratsuk, liburu batean, ez zuten erakundearen zuzendaritzan kokatu 2002an berriz ihes egin zuenetik. Ostiralean, nazioarteko komunitateko 259 eragilek Josu Urrutikoetxeak «Euskal Herriko gatazkaren konponbidearen» alde egindako lana nabarmendu zuten, eta, ondorioz, Frantziaren jarrera deitoratu, ETArekin eta 2005-2007ko eta 2011-2013ko prozesuekin lotuta epaiketak egingo dizkiolako.
2020-10-21
https://www.berria.eus/albisteak/188628/ertzaintzaren-esku-hartzeetan-hildakoen-kasuak-aztertzeko-batzordea-abiatuko-du-erkorekak.htm
Politika
Ertzaintzaren esku hartzeetan hildakoen kasuak aztertzeko batzordea abiatuko du Erkorekak
Legegintzaldirako asmoen berri eman du Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak: Ertzaintzaren giza baliabideetan etor daitezkeen hutsuneei aurre egiteko, lau hautaketa prozesu egingo dituzte.
Ertzaintzaren esku hartzeetan hildakoen kasuak aztertzeko batzordea abiatuko du Erkorekak. Legegintzaldirako asmoen berri eman du Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak: Ertzaintzaren giza baliabideetan etor daitezkeen hutsuneei aurre egiteko, lau hautaketa prozesu egingo dituzte.
Eusko Legebiltzarrean agerraldia izan du gaur goizean Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak, agintaldirako asmoen berri emateko. Segurtasun ereduaren oinarrian «gardentasuna eta hurbiltasuna» jartzeko konpromisoa hartu du, eta, ildo horretan, iragarri du Ertzaintzaren kontrol eta gardentasun batzordea eratuko duela: «Organo berria izango da, independentea, bere kabuz edo inoren eskariz aztertuko dituena eskubideen urraketekin lotutako jarrerak eta praktikak, Poliziaren esku hartzeetan edo operatiboetan pertsonaren bat hiltzen edo larri zauritzen bada». EAEko Poliziaren Legearen bidez onartu zuten batzorde hori sortzea, eta sailburuak martxan jartzeko konpromisoa hartu du; hala ere, Erkorekak zehaztu duenez, talde horrek ez lituzke iraganeko auziak ikertuko. Delinkuentzia tasa jaisteko asmoa ere agertu du sailburuak, nahiz eta inguruko erkidego eta herrietakoa baino txikiagoa den: mila biztanleko 53,3 delitu daude. «Euskadi herri segurua da», esan du. Hala ere, bereziki kezkagarritzat jo ditu hiru gai: ziberdelinkuentzia, jokoarekiko adikzioa eta emakumeen aurkako indarkeria. Azken horrekin lotuta, Erkorekak jakinarazi du EBA (Emakumeen eta Etxekoen Babesa) izeneko programa bat abiatuko duela: genero indarkeriako txosten guztiak —Ertzaintzarenak ala udaltzainenak izan— sistema digital berean txertatuko dituzte, eta, hala, tratu txarrak jasaten dituzten emakumeen eta haien seme-alaben arriskua ebaluatzeko irizpideak bateratuko dituzte, babes neurriak ere horien arabera ezartzeko. Izan ere, indarkeria matxistaren dimentsioarekin kezkatuta agertu da sailburua: «Ertzaintzaren patruila guztiek eguneroko lanaren %15 eskaintzen diote tratu txarrak jasaten dituzten emakumeen babesari». Egun, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 3.377 emakumek daukate babes aginduren bat, 353k dute Bortxa aplikazioa telefonoan, 62k dute bizkartzaina, eta 53 erasotzailek daukate lokalizaziorako eskumuturrekoa. Ertzaintzaren giza baliabideei ere erreparatu die Erkorekak: «Egiturazko lantaldea 8.000 agentekoa da, eta egun 7.502 daude lanean; beraz, 498 profesionaleko defizita dugu, eta legegintzaldi amaierarako 1.584 agente erretiratuko dira». Hutsune hori betetzeko, lau hautaketa prozesu abiatuko dituzte agintaldian zehar, urtean bat; 2020 amaitu baino lehen argitaratuko da lehena, eta 700 lanpostu izango ditu. Emakumeek eta euskal hiztunek izena ematea sustatuko dute. Bozkatzeko araudia aztertu Era berean, Erkorekak gogora ekarri du pandemiak ere eragina izan duela azken hilabeteetako martxan: «Segurtasunaren kudeaketa egokitu behar izan dugu. Eta ikasgai bat ere atera dugu: larrialdietarako plan bat prestatzen ari gara, berariaz aplikatzeko gaixotasun larri eta kutsagarrien kasuetarako». Egungo egoera epidemiologikoa kontuan hartuta, sailburuak txalotu egin du hauteskundeak uztailean egiteko erabakia, baina aitortu du badagoela zer hobetu alor horretan, eta bozetako araudia «sakon» aztertzeko eta aldaketak proposatzeko konpromisoa hartu du: «Antzeko egoeretan boto sistema berriak izan ditzagun, hala nola posta edo Internet bidezko botoa».
2020-10-21
https://www.berria.eus/albisteak/188629/nafarroako-gobernuak-aholkatzen-du-etxe-berekoekin-soilik-elkartzea.htm
Gizartea
Nafarroako Gobernuak aholkatzen du etxe berekoekin soilik elkartzea
Kaleratu du gaur gauerdian indarrean sartuko den foru araua, eta, han adierazten duenez, beste lurraldeetako herritarrek badaukate Nafarroa zeharkatzea, betiere «jatorria eta helmuga handik kanpokoak badira»
Nafarroako Gobernuak aholkatzen du etxe berekoekin soilik elkartzea. Kaleratu du gaur gauerdian indarrean sartuko den foru araua, eta, han adierazten duenez, beste lurraldeetako herritarrek badaukate Nafarroa zeharkatzea, betiere «jatorria eta helmuga handik kanpokoak badira»
Astelehen arratsaldean iragarritako neurriak zehatz-mehatz bildu ditu Nafarroako Gobernuak 57/2020 foru arauan, eta gauerdian kaleratu baino ordu batzuk lehenago plazaratu du edukia. Berezitasunetako bat da gobernuak aholkatu egiten diela herritarrei etxe bereko edo bizikidetza burbuila bereko pertsonekin egotea soilik eremu pribatuan. Astelehenean zalantza zegoen hori agindua ote zen edo ez, eta aholkua da azkenik. Betebeharra izango da bilkurak gehienez sei lagunekoak izatea. Foru arauan arrazoitzen denez, kutsatze gehienak arlo pribatuan eta sozialean ematen dira. Gaur egun, 399 agerraldi aktibo daude Nafarroan: %35 sendi barrukoak, %38 inguru sozialekoak eta %14, bien arteko nahasketa bat. Halaber, nabarmendu du kutsatzea «azkar eta modu nabarmenean» zabaltzen ari dela. Neurriak gauerdian indarrean sartuko badira ere, Nafarroako Auzitegi Nagusiak ez du oraindik azken hitza esan, eta ikusteko dago epaileek osorik babestuko ote duten foru araua. Neurriok azaroaren 4ra arte iraungo dute. Mugitzeko salbuespenak Alde batetik, Nafarroatik sartu edo irteteko deebekua ezarri da, baina hainbat salbuespen ezarri dituzte: esaterako, ospitale edo osasun etxe batera joan behar izatea, ikasketa, lan kontuak edo adineko zein menpeko edo ezgai den pertsona baten zaintza. Kirol arloan, lehia profesional batera joan behar duen kirolariak edo estatuko eremuren batean parte hartzen duten taldeak Nafarroatik atera daitezke. Kirol ez-profesionaletan, «lehen edo bigarren mailako» kirolariek ere bidaiatu dezakete. Azkenik, Nafarroatik kanpoko herritarrak lurraldean barrena ibil daitezke, baldin eta zeharkatzeko bada; hots, «jatorria eta helmuga Nafarroatik kanpo egonez gero». Bigarrenik, tabernek eta jatetxeek ateak itxiko dituzte. Haien zerbitzua eskaintzen duten bestelako negozioek, hala nola okindegiek, ogia edo eramateko kafea sal dezakete. Hotelen edo landetxeen kasuan, bertan ostatu hartu duten bezeroei eman diezaiokete jatera. Txanda hartuz gero, jatetxe eta tabernek etxean kontsumitzeko zerbitzua eman dezakete. Salbuespen gisa, debekuak funtsezko zerbitzuei eraginez gero, baimen bereziak eman daitezke (ez du aipatzen, baina aukeretako bat dira garraiolariei jaten ematen dieten errepideko zerbitzuak). Hirugarrenik, hiriko garraio zerbitzua erdira murriztuko da. Leihatilak edukiz gero, erdiak irekita egongo dira, egoki aireztatzen dela ziurtatzeko. Aurreko foru arauan adierazten zen bezala, garrantzi berezia ematen zaio oro har aireztatzeari. «Zientziak gero eta nabarmenago eta sendoago du frogatuta gaizki aireztatutako toki itxietan eta barnealdetan transmititzen dela birusa. Ondorioz, erabilera publikoko jarduerek ahalik eta gehien aireztatu beharko dute egoitza, gutxienez egunean hiru aldiz». 21:00etarako dena itxita Oro har, saltokiek eta gainerako jarduerek 21:00etan itxi egin beharko dituzte ateak. Saltoki handi eta txikietan edukiera %40ra mugatuko da. Saltoki handietan, korridoreak eta igarobideak soilik alde batetik bestera joateko erabil daitezke eta ezingo da bertan egon. Akademia, auto eskola eta hizkuntz eskola ofizialaren moduko hezkuntza zentro ez-arautuetan, edukiera %40koa izango da. Aurreko foru arauan bezala, edukiera %30era mugatuko da hainbat egoitzatan: adibidez, elizetan, liburutegietan, museoetan, kiroldegi barruan (kanpoan %40koa da), igerilekuetan eta haur parkeetan. Muga horrekin baina Nafarroako Gobernuak baimentzen du parkeen erabilera, eta horregatik aurretik ezarritako debekua altxatu egin du Iruñeko Udalak. Zahar etxeei dagokionez, bisitak egiteko debekuak indarrean jarraituko du, aurreko foru arauan zehaztu bezala. Salbuespen batzuk ezartzen dira; adibidez, egoiliarra hilzorian izatea edo egoera psiko-afektiboak nabarmen okerrera egitea
2020-10-21
https://www.berria.eus/albisteak/188630/frantzisko-aita-santuak-homosexualen-arteko-bikote-zibilak-babestu-ditu.htm
Gizartea
Frantzisko aita santuak homosexualen arteko bikote zibilak babestu ditu
«Homosexualek familia batean egoteko eskubidea dute. Bikote zibila osatzeko lege bat egon behar du», adierazi du.
Frantzisko aita santuak homosexualen arteko bikote zibilak babestu ditu. «Homosexualek familia batean egoteko eskubidea dute. Bikote zibila osatzeko lege bat egon behar du», adierazi du.
Sexu bereko pertsonek bikote zibila osatzeko eskubidea dutela defendatu du Frantzisko aita santuak. Lehen aldia da aita santuak homosexualen arteko ezkontzak publikoki defendatzen dituena. Gaur estreinatu da Erromako Zine Jaialdian Evgeny Afineevsky zine zuzendariak egindako Francesco dokumentala, eta bertan jasota daude aita santuaren adierazpenak. Homosexualen inguruan esandakoak izan du oihartzuna bereziki. Honako hau esan du Frantzisko aita santuak: «Homosexualek familia batean egoteko eskubidea dute. Bikote zibila osatzeko lege bat egon behar du, modu horretan lege babesa izango dutelako. Inor ez litzateke zorigaiztokoa izan behar arrazoi horregatik». «Ezkontza» hitza, hala ere, ez du espresuki aipatu Frantzisko aita santuak. Haren hitzetan, beharrezkoa da «elkarbizitza zibilerako lege» bat egitea, bikote bat osatu nahi duten homosexualek eskubidea dutelako legez babestuak egoteko.
2020-10-21
https://www.berria.eus/albisteak/188631/oconnorrek-atzoko-arantza-kendu-du.htm
Kirola
O'Connorrek atzoko arantza kendu du
Australiarra ihesaldiko indartsuena izan da etapa amaierako Madonna di Campiglio mendatean. Faboritoen artean ez da aparteko zalapartarik sortu, eta Joao Almeida liderrak ez ditu ahulezia zantzuak erakutsi; aurkakoa baizik.
O'Connorrek atzoko arantza kendu du. Australiarra ihesaldiko indartsuena izan da etapa amaierako Madonna di Campiglio mendatean. Faboritoen artean ez da aparteko zalapartarik sortu, eta Joao Almeida liderrak ez ditu ahulezia zantzuak erakutsi; aurkakoa baizik.
Madonna di Campigliok bere garaipen zerrendan bi irabazleen izenak besterik ez zuen orain arte. 1999an, Marco Pantanik altxatu zituen lehendabizikoz bi besoak; eta 2015ean, berriz, Mikel Landa izan zen indartsuena. Bada, hirugarren txirrindularia batu da zerrenda horretara. Ben O'Connorrek (NTT) bere zigilua ezarri dio Madonna di Campiglio mendateari, hura izan baita ihesaldiko indartsuenetan indartsuena, Italiako Giroko 17. etapan. Atzokoan, australiarrak garaipena harramazkatu egin zuen; gaur, ordea, behetik erasoa jo, eta bikain errematatu du. Atzetik, Hermann Pernsteinerrek (Bahrain) erraiak bota ditu lasterketa burura iristeko, baina haren ahalegina hutsala izan da. Oilarren artean, berriz, Sunwebek, Wilco Keldermanen mesedetan, erritmo bizia jarri du azken igoeran, harik eta herbeheretarrak gaurko zalaparta apurrena sortu duen arte. Joao Almeida (Deceuninck) liderrak txapeldunak egin behar duen eran defentsa lanetan arazorik gabe aritu da, eta bistan geratu da portugaldarrari maglia arrosa kentzeko Keldermanek lana erruz egin beharko duela. Faboritoak multzo berean helmugaratu dira, eta sailkapen nagusiko lehen hamarretan ez da aldaketarik egon. Bassano del Grappan hasi da Giroko 17. etapa, eta txirrindulariek 203 kilometro egin behar izan dituzte. Madonna di Campigliora iritsi aurretik, ibilbidean lehen mailako Forcella Valbona eta Bondone, eta hirugarren mailako Durone mendateak kateatu dituzte. Kalitate handiko hemeretzi txirrindulariei eman die ihes egiteko baimena tropelak. Multzo horretan ziren O'Connorrekin batera, besteak beste, Oscar Rodriguez (Astana), Victor De la Parte (CCC), Pernsteiner —sailkapen nagusian ondoen kokatua zegoena: liderrarengandik 9.53ra—, Thomas De Gendt (Lotto Soudal), Ilnur Zakarin (CCC), Rohan Dennis (Ineos), Diego Ulissi (UAE) eta Ruben Guerreiro (Education First). Guerreirok, gainera, bi mendate nagusietan lehena izan denez, mendiko sailkapenean Giovanni Viscontiri (Vini Zabu) lehen postua kendu dio, eta, horrenbestez, elastiko urdina bereganatu du. Kilometroak egin ahala, ihesaldikoek tropelarekin zuten aldea handituz zihoan, eta, oker handirik ezean, garaipena bertan zegoen. Lasterketa buruko txirrindulariak Durone mendatean gora zihoazela, taldetxoa bitan banatu da, eta indartsuenek egin dute aurrera; horien artean ziren O'Connor, Pernsteiner, Zakarin eta enparauak. De la Parte eta Rodriguez, berriz, zertxobait atzeratu dira, baina, jaitsierako tartean eta Madonna di Campiblio igo aurretik zuten sasiordekan aurreko multzora batzea lortu dute. Igoera hasi orduko, lasterkariek elkarlanerako asmo handirik ez dute erakutsi, bai baitzekiten gaurko garaipena euren artean erabakiko zela. Hala, inondik ere ez zuten indar xahuketa handirik egin nahi erreleboetan. Taldetxoari tiraka aritu den txirrindulari bakanetako bat de la Parte izan da, haren taldekide Zakarinen mesedetan. De Gendtek, berriz, ez du zuhurkeriaz jokatu, beste behin ere; bai eskuzabalegi, ordea. Izan ere, flandriarrak indarrak ez ditu ongi neurtu, eta azken kilometroetan garesti ordaindu du. Bitartean, O'Connorrek azti jokatu du. Aurkarien egoera aztertu, eta erasora jo du etapa amaitzeko zortzi kilometro falta zirela. Atzoko arantza kendu nahi zuen, kosta ahala kosta, eta baita lortu ere. Pedal kolpe onarekin zihoan maldan gora, hori izan baita australiarraren giltzarrietako bat. Ez zaio ezinaren sufrimendua ikusi, gaitasunarena baizik. Haren gurpila hartzeko benetako ausardia erakutsi duena Pernsteiner izan da. Dena den, azken hiru kilometroak eramangarriagoak zituztenez, O'Connorri garaipenak ez dio ihes egin. Maglia arrosaren multzoan, berriz, urduritasunaren zantzurik ez du erakutsi Almeida liderrak. Zuhaitza astintzeko ardura Sunwebek hartu du, Keldermanek, handik edo hemendik, Almeidarekiko zuen atzerapena laburtzeko xedez. Haren taldekide Jai Hindley mugitu da lehendabizi, eta herbeheretarra ondoren. Liderrak baina, sobera erakutsi du taldekiderik gabe ere maglia arrosa zaintzeko gai dela. Faboritoen artean ez da indar erakustaldirik egon, euren hanketan kilometroak pilatzen ari baitira egunez egun. Bihar, Stelvio Bada, batek baino gehiagok hanketako minarekin amaituko du biharko etapa, ez baitute nolanahikoa. 207 kilometro egin beharko dituzte txirrindulariek, eta Cancanoko Lakuan izango du etapak helmuga. Aurretik, ordea, aurtengo Giroko mendirik garaiena igo beharko dute: Stelvio —2.757—. Zirt edo zart egiteko tenorea iritsi zaie oilarrei.
2020-10-21
https://www.berria.eus/albisteak/188632/urnietako-13-eta-40-urte-arteko-biztanleei-pcra-egitera-joateko-deia-egin-diete.htm
Gizartea
Urnietako 13 eta 40 urte arteko biztanleei PCRa egitera joateko deia egin diete
Urnietako udal pilotalekuan eginen dute baheketa, bihartik larunbatera arte. Aurrez txanda eskatu beharko da, Urnietako osasun etxera deituta.
Urnietako 13 eta 40 urte arteko biztanleei PCRa egitera joateko deia egin diete. Urnietako udal pilotalekuan eginen dute baheketa, bihartik larunbatera arte. Aurrez txanda eskatu beharko da, Urnietako osasun etxera deituta.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak PCR testak egiteko deia egin diete Urnietako (Gipuzkoa) 13 eta 40 urte arteko biztanleei. Bihartik larunbatera egingo dituzte probak, Urnietako udal pilotalekuan: bihar eta etzi, 15:00etatik 19:30era, eta larunbatean goizez. Txanda aldez aurretik eskatu beharko da, telefono zenbaki hauetara deituta: 943-00 66 80 edo 900-20 30 50. Bihar goizeko zortzietatik aurrera deitzen ahalko da ordua hartzeko.
2020-10-21
https://www.berria.eus/albisteak/188633/movistarren-lana-biribildu-du-solerrek.htm
Kirola
Movistarren lana biribildu du Solerrek
Bakarrik iritsi da helmugara, Done Mikel Aralarkoaren jaitsieran ihes egin eta gero. Roglicek lehen postuan segitzen du.
Movistarren lana biribildu du Solerrek. Bakarrik iritsi da helmugara, Done Mikel Aralarkoaren jaitsieran ihes egin eta gero. Roglicek lehen postuan segitzen du.
Movistarrek etxean irabazi du. Marc Solerrentzat izan da Espainiako Vueltako bigarren etapa, Iruñean hasi eta Lekunberrin amaitu dena, Nafarroan. Solerrek ondo ezagutzen zuen ibilbidea, eta estrategia bikain atera zaio. Urbasan bizitu du erritmoa Movistarrek, eta Done Mikel Aralarkoaren jaitsieran erasoa jo eta gero lortu du garaipena. Itzuli handian lortu duen lehenbizikoa izan da. 19 segundo atera dizkie Primoz Roglic (Jumbo) liderrari, Richard Capazi (Ineos), Esteban Chavesi (Mitchelton Scott), Dan Martini (Israel), eta Enric Ma eta Alejando Valverde taldekideei, besteak beste. Roglicek lider segitzen du. Gainsaria lortu du helmugan, gainera, eta aldea handitu du. Bederatzi segundo ateratzen dizkio Martini. 40. kilometroan osatu da eguneko ihesaldia. Haizeak jotzen zuen, eta bost txirrindularik egin dute aurrera: Tim Wellensek (Lotto), Alex Aranburuk (Astana), Bruno Armirailek (Groupama), Jonathan Hivertek (Direct Energie), eta Gonzalo Serranok (Caja Rural). Sei minutuko abantaila izatera iritsi dira. Baina Movistarrek tropelaren ardura hartu du. Etxean irabazi nahi zuen. Ihesaldia aukerarik gabe geratu da, nahiz eta Wellens bakarrik aurrera egiten ahalegindu den. Armirail harrapatu dute azkena, 28 kilometro falta zirenean. Done Mikel Aralarkoaren igoeran hainbat ahalegin izan dira. Carapaz bera saiatu da aurkariak nola zeuden ikusten, eta indartsuenak geratu dira aurrean. Jaitsieran, helmugarako 14 kilometro falta zirenean, erasoa erabakigarri jo du Solerrek. Ederki zekien non egin aurrera. Hortzak ondo estutu, eta garapena lortu du.
2020-10-22
https://www.berria.eus/albisteak/188662/eaeko-auzitegi-nagusiak-ez-du-baimendu-bilerak-sei-lagunera-mugatzea.htm
Gizartea
EAEko Auzitegi Nagusiak ez du baimendu bilerak sei lagunera mugatzea
Eusko Jaurlaritzak hartutako neurriak «oinarrizko eskubideak urratzen» dituela eta «lege babesik» ez duela ebatzi du. Urkulluk esan du «inondik inora ere» ez dagoela ados erabakiarekin, baina errespetatzen duela. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak dio «ulertzen zaila» dela. Nafarroako Auzitegi Nagusiak, berriz, lurralde hartako gobernuak ezarritako neurrien aldeko ebazpena argitaratu du.
EAEko Auzitegi Nagusiak ez du baimendu bilerak sei lagunera mugatzea. Eusko Jaurlaritzak hartutako neurriak «oinarrizko eskubideak urratzen» dituela eta «lege babesik» ez duela ebatzi du. Urkulluk esan du «inondik inora ere» ez dagoela ados erabakiarekin, baina errespetatzen duela. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak dio «ulertzen zaila» dela. Nafarroako Auzitegi Nagusiak, berriz, lurralde hartako gobernuak ezarritako neurrien aldeko ebazpena argitaratu du.
Eusko Jaurlaritzak talde bilerak mugatzeko hartutako erabakia atzera bota du EAEko Auzitegi Nagusiak, eta ez du baimendu bilerak sei pertsonara mugatzea. Hori hala, Jaurlaritzak bakarrik «gomendatu» ahal izango du arlo pribatuan zein publikoan talde bilerak gehienez sei pertsonakoak izatea, eta ez da «betebeharra» izango. Joan den larunbatean iragarri zuen Eusko Jaurlaritzak, Labi aholku batzordeak egoera epidemiologikoa aztertu eta gero, pertsonen mugikortasuna eta jende pilatzeak gehiago mugatzeko neurriak hartuko zituela. Horien artean talde bilerei eragiten dion neurri bat iragarri zuen: bilera horiek, arlo pribatuan zein publikoan, gehienez sei pertsonakoak izan ahalko direla erabaki zuen (hamarrekoa da oraingo muga). EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak erabaki horiek berresteko zain zegoen gobernua, agindu berria Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratzeko eta indarrean jartzeko. Europa Press albiste agentziak aurreratu duenez, Auzitegiko epaileek ebatzi dute Jaurlaritzak ezin duela legez mugatu bilerak sei pertsonakoak izatea, oinarrizko eskubideen aurka doalako eta «lege babesik» ez duelako. Gauzak horrela, Jaurlaritzak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrei soilik «gomendatu» ahal izango die gehienez sei pertsonarekin elkartzea eremu publikoan zein pribatuan. Urkullu ez dago ados Auzitegi Nagusiak hartutako erabakiarekin desados agertu da Iñigo Urkullu lehendakaria. Facebook sare sozialean argitaratu berri duen testuan, Urkulluk dio «errespetatu eta onartu» egiten duela ebazpena, baina ez datorrela bat, «inondik inora» autoarekin. «Are gutxiago Fiskaltzak aldez aurretik aldeko iritzia eman ondoren», esan du. Urkulluren ustez, Auzitegi Nagusiaren autoak «ate guztiak ixten» dizkio alarma egoera ezartzeko erabakia ez den edozein neurriri. «Borondate horrekin bakarrik uler daiteke horrelako epai bat, eta badirudi Eusko Jaurlaritzak iradokizunak bakarrik egin ditzakeela». Lehendakariaren iritziz, hala ere, autoak erakusten du Auzitegiaren oniritzia ezinbestekoa zela neurri batzuk praktikan jartzeko. Nolanahi ere, uste du «hobe» litzatekeela gizarteak berak mota horretako neurriak «borondatez» hartzea. Urkulluk ziurtatu du Eusko Jaurlaritzak neurriak hartzen jarraituko duela koronabirusaren izurriari aurre egiteko: «Jaurlaritzaren jarrerak irmoa izaten jarraituko du osasun larrialdi egoera honi aurre egiteko». Gaur arratsaldean, Labi batzordearen bilera egingo da, eta lehendakariak iragarri du hor egoeraren diagnostikoa egingo dela eta neurri berriak hartuko direla. Neurriok bihar argitaratuko dira, eta «berme juridiko guztiekin» jarriko dira indarrean, haren esanetan. Bide beretik jo du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak ere. Haren esanetan, «ulertzeko zaila» da auzitegiak hartutako erabakia, azken datuen ostean «are beharrezkoagoa» ikusten baitu neurri murriztaileagoak ezartzea. Hala, erabakia «errespetatu» bai, baina harekin bat egiten ez duela nabarmendu du. Jaurlaritzatik iritsitako kritikak ikusirik,Auzitegi Nagusiko jarduneko presidente Garbiñe Biurrunek auzitegiak hartutako erabakia defendatu du. Epaileak azaldu du auzitegiak ez duela ebatzi neurri horiek ez direla beharrezkoak, baizik eta horiek, «egungo legediaren barruan», ezin direla hartu. Nafarroan, adostasuna EAEko Auzitegi Nagusiak ez bezala, Nafarroakoak ontzat eman ditu Nafarroako Gobernuak atzo argitaratutako neurriak. Horien artean daude lurraldean sartu eta handik irteteko mugak eta ostalaritzako establezimenduen itxiera. Ebazpenaren arabera, gobernuak «eboluzio epidemiologikoaren eta hartutako neurrien eraginkortasunaren» inguruko txosten bat egin beharko du zazpi egunen buruan. Erabakiari errekurtsoa ezartzeko aukera dago, Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan.
2020-10-22
https://www.berria.eus/albisteak/188663/iriartek-urkulluri-eskatu-dio-gaurko-labiren-bileran-neurri-zorrotzak-hartzeko-pandemia-geratzeko.htm
Gizartea
Iriartek Urkulluri eskatu dio gaurko LABIren bileran neurri zorrotzak hartzeko, pandemia geratzeko
Neurri murriztaileekin batera, gehien kalteturiko sektoreak laguntzeko neurriak ere eskatu ditu. Bide horretan EH Bilduren babesa izango duela esan dio Maddalen Iriarte bozeramaileak.
Iriartek Urkulluri eskatu dio gaurko LABIren bileran neurri zorrotzak hartzeko, pandemia geratzeko. Neurri murriztaileekin batera, gehien kalteturiko sektoreak laguntzeko neurriak ere eskatu ditu. Bide horretan EH Bilduren babesa izango duela esan dio Maddalen Iriarte bozeramaileak.
Gaur 18:00etan biltzekoa da Labi Larrialdiei Aurre Egiteko Bidea batzorde berezia, pandemiaren bilakaera ikusita neurri berriak aztertzeko. Maddalen Iriarte EH Bilduko Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariari eskatu dio neurri zorrotzak hartzeko pandemia geratzeko. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan pandemia izaten ari den bilakaera ikusita, neurri murriztaileak hartzeko eskatu dio. Halaber, gehien kaltetuak izango diren sektoreak babesteko laguntza neurriak hartzeko ere eskatu dio, «murrizketen ondorio sozialak eta ekonomikoak arintzeko». Bide horretan EH Bilduren babesa izango duela ziurtatu du.
2020-10-22
https://www.berria.eus/albisteak/188664/quibi-plataformak-itxi-egingo-du.htm
Bizigiro
Quibi plataformak itxi egingo du
Formatu laburreko telesailak eta saioak eskaintzen zituen, sakelako telefonoetan ikusteko. Sei hilabete baino ez du iraun proiektuak.
Quibi plataformak itxi egingo du. Formatu laburreko telesailak eta saioak eskaintzen zituen, sakelako telefonoetan ikusteko. Sei hilabete baino ez du iraun proiektuak.
Apirilean jarri zuten martxan Quibi plataforma. Ez soilik AEBetan, baizik eta munduko herrialde gehienetan: Euskal Herrian apirilaren 6tik zegoen erabilgarri. Baina ez dute lortu esperotako harpidedun kopurua, eta plataformak porrot egin du. Jeffrey Katzenberg eta Meg Whitman Quibiko arduradunek gutun ireki bat bidali diete langileei eta inbertitzaileei itxieraren berri ematen. Bi sortzaileek itxaropena zuten streaming plataformen eskaintzan toki bat egitea, sakelakoetako kontsumoaren gorakada aintzat hartuta. Harpidedunak erakartzeko, gainera, zenbait izar fitxatu zituzten: programak egin dituzte, esaterako, Megan Rapinoe futbol jokalariak, LeBron James saskibaloi jokalariak eta Jennifer Lopez aktore eta kantariak. Baina harpidetza garestiegia zela nabarmendu dute aditu askok, egiten zuen eskaintza aintzat hartuta. Kontua da 1.688 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa eginda ere, ez dutela merkatuan toki bat egitea lortu. Elena Neira Kataluniako Unibertsitate Irekiko komunikazio ikasketetako irakasleak itxieraren inguruko analisi bizkor bat egin du sare sozialetan. «Quibiren sortzaileek ez zuten aintzat hartu TikTok aplikazioaren konpetentzia, gazteen kontsumoari dagokionean. Edukiak soilik sakelakoan ikusi ahal izatea kalterako izan da, eta telebistarako aplikaziorik ez sortzea gabezia nabarmena izan da. Edukiek, oro har, ez dituzte kritika onak izan. Streaming plataforma indartsu asko daude, eta Quibi zerbitzu osagarri gisa saldu zuten. Ideia, berez, ona zen, baina oso gaizki jarri dute praktikan».
2020-10-22
https://www.berria.eus/albisteak/188665/goia-jo-du-eguneko-positiboen-kopuruak-hegoaldean-1626.htm
Gizartea
Goia jo du eguneko positiboen kopuruak Hegoaldean: 1.626
Nafarroan (593) eta Gipuzkoan (503) atzeman dituzte kasu gehienak, baina goranzko joera nabari da Bizkaian (423) eta Araban ere (96).
Goia jo du eguneko positiboen kopuruak Hegoaldean: 1.626. Nafarroan (593) eta Gipuzkoan (503) atzeman dituzte kasu gehienak, baina goranzko joera nabari da Bizkaian (423) eta Araban ere (96).
Gora, etenik gabe. COVID-19aren kutsatzeen kurba ezin apalduta segitzen dute Hego Euskal Herriko administrazioek. Bigarren olatuko positibo kopururik handiena atzeman dute, atzo eginiko probei esker: 1.626 kasu, aurreko egunean baino 416 gehiago. Osakidetzak emaniko datuen arabera, 13.470 proba egin zituzten atzo Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Nafarroan, berriz, 3.651 detekzio proba egin zituzten (PCR motakoak nahiz antigenoenak). Datuak herrialdeka aztertuta, Nafarroa eta Gipuzkoa dira kutsatze gehien atzeman dituzten herrialdeak. Nafarroako Gobernuak emaniko behin-behineko datuen arabera, 586 kasu detektatu dituzte, eta positibo tasak ere gora egin du (%16,1), atzoko beherakadaren ostean. Gipuzkoan, 503 dira positibo berriak; Bizkaian, 423; eta Araban, berriz, 96. Herrialde guztietan gora egin dute kutsatzeei buruzko datuek. Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo bizi diren 11 pertsonak ere positibo eman dutela jakinarazi du Osakidetzak. Egunetik egunerako positiboen hazkundeak isla izan du osasun sisteman ere: 51 pertsona ospitaleratu zituzten atzo Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta 62 pertsona ZIUetan daude. Hamalau eguneko datuak kontuan hartuta, egoerak ez du itxura hobea: 100.000 biztanleko 1.021 kasu daude Nafarroan (lehen aldiz gainditu du gaur 1.000 kasuen langa). Gipuzkoan ere, egunetik egunera hazten ari da 16 egunetako eragin tasa: 576,97koa da gaur. Nafarroa, itxita Gauerdi honetan sartu dira indarrean Nafarroako Gobernuak iragarritako neurri murriztaile berriak. Hala, herrialde osoa konfinatu dute, eta ostalaritza ixteko agindua ere emana dute. Maria Txibiteren gobernuak azaldu duenez, gainera, 300 bat polizia paratu dituzte herrialdeko mugetan, autoen sarrera-irteerak zaintzeko. Neurrioi buruzko galdera bat egin dio gaur Bakartxo Ruizek (EH Bildu) Santos Indurain Osasun kontseilariari, Nafarroako Parlamentuko osoko bilkuran. Indurainek aitortu du neurri "gogorrak" direla, baina espero du "balioko dutela" egoera onbideratzeko: "Uste dugu neurri gogor hauek eragina izanen dutela birusari eusteko tenorean; apustu handia da osasungintzari dagokionez, eta politikoki berritzailea. Nafarroak bide berri bat urratu du, itxiera perimetrala argudio teknikoetan oinarrituz eta mugen barruan neurri zorrotzak ezarriz". Bezperan osasun sistemaren "egoera zailari buruz" esandakoei ere eutsi die Indurainek: "Egoera oso kezkagarrian dago foru komunitatea, eta horri erantzunez hartu ditugu neurriok: egoeraren aurrean maila emateaz gain, aurrea hartu eta izurriak osasun sisteman izan dezakeen eragina prebenitzeko". Osasun sistema, gaur-gaurkoz, "eusten ari zaiola" uste du kontseilariak, baina "presio handia" pairatzen duela, "batez ere, erronka handia delako ohiko jardunari ahal bezain ondoen eustea". Ruizek erantzun dio Nafarroako osasun sistema "gainezka egiteko zorian" dagoela, baina aurretik ere ohartarazi zutela egoeraren arriskuaz: "Duela hilabete esan genuen egoerak okerrera egin zezakeela, eta, beste behin ere, neurri gogorrak aplikatu behar izan dira, orain arte eginikoak ez duelako behar bezala funtzionatu. Bitartean, zenbait hilabete galdu ditugu, etor zitekeenari aurre egiteko ongi prestatu gabe". Neurri murriztaileekin batera, "baliabideak mahai gainean jartzeko" eskatu dio Osasun kontseilariari.
2020-10-22
https://www.berria.eus/albisteak/188666/hotelak-erdizka-aritu-dira-uda-honetan.htm
Ekonomia
Hotelak erdizka aritu dira uda honetan
Bidaiarien kopurua %47,7 txikitu da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta batez beste bi egun egin dituzte
Hotelak erdizka aritu dira uda honetan. Bidaiarien kopurua %47,7 txikitu da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta batez beste bi egun egin dituzte
Iazko udako emaitzekin alderatuta, aurten bidaiarien sarrerak %47,4 txikitu dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hoteletan, COVID-19ak turismoaren sektorean duen eraginagatik. Eustat Euskal Estatistika Erakundeak uztaileko, abuztuko eta iraileko datuak eman ditu ostegun honetan. EAEko hotel establezimenduetako sarrerak 526.814 izan ziren, guztira 1.034.437 ostatu gau. Dena den, turista bakoitzak egindako gaualdietan ez da alderik egon. Batez beste, 1,92 egin ditu; iaz, 1,98. Eustatek egiaztatu du, halaber, Hego Euskal Herritik eta Espainiako Estatuaren menpeko beste lurraldeetatik kanpoko turisten sarreretan murrizketa handiagoa izan dela: %67,7koa. Beste kasuan, beherakada %27,4koa izan da. Iazko datuekin konparatuta, iraileko datuetan nabaritu da gehiago jaitsiera. Landa ostatuei dagokienez, hoteletan baino txikiagoa izan jaitsiera: %37,9 turista gutxiago aurreko urteko aldi berean baino. Lurraldeka, Gipuzkoan jaitsi da gutxien: -%29,8. Bizkaian, -%47,9, eta Araban, -%42,1.
2020-10-22
https://www.berria.eus/albisteak/188667/neurri-murriztaileagoak-aplikatzen-badira-laguntza-ekonomikoak-gehituko-ditu-jaurlaritzak.htm
Ekonomia
Neurri «murriztaileagoak» aplikatzen badira, laguntza ekonomikoak gehituko ditu Jaurlaritzak
Azpiazu sailburuak aitortu du okerrera egin dezaketela gobernuaren aurreikuspen ekonomikoek.
Neurri «murriztaileagoak» aplikatzen badira, laguntza ekonomikoak gehituko ditu Jaurlaritzak. Azpiazu sailburuak aitortu du okerrera egin dezaketela gobernuaren aurreikuspen ekonomikoek.
Euskadi Irratian eginiko elkarrizketa batean, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak azaldu du Eusko Jaurlaritzak egindako aurreikuspen ekonomikoak «pandemia erdi kontrolatuta zegoela pentsatuz» egindakoak direla, eta aitortu du horiek okerrera egin dezaketela, osasun krisiari aurre egiteko hartzen diren neurrien arabera. Horiek horrela, enpresei eta langileei lasaitasun mezua igorri nahi izan die, eta ziurtatu du neurri «murriztaileagoak» hartzen badira Jaurlaritzak «neurri berezi gehiago» hartuko dituela egoera aztertu eta gehien kaltetutako sektoreei laguntzeko. Eustatek kaleratu dituen hirugarren hiruhileko enpleguaren datuei buruz, uste du albiste ona dela 3.000 lanpostu sortu izana, baina zehaztu du langabezia ez dela %10era jaitsi enplegu asko sortu delako, jendea lana bilatzen ari ez delako baizik. «3.000 enplegu inguru sortu dira, baina kontuan izan behar dugu aurreko hiruhilekoan 30.000 inguru suntsitu zirela», azpimarratu du. Ekonomia adierazleei begiratuta, hurrengo urtean «hazkunde garrantzitsua» izango den esperantza berretsi du, eta horrek ekonomiaren uzkurtzea «nolabait konpentsatzea» ekarriko duela. «Ez da zergak igotzeko garaia» Beste gai batzuekin batera, zerga sistemaz ere mintzatu da Azpiazu. Sailburuak esan du «une honetan» zergak igotzea ez dela erabaki ona, «ekonomia bultzatzeko, politika publikoak mantentzeko eta sakontzeko garaia» delako; uste du zor publikoa handia dela egokiena horretarako. «Zergak igotzea kaltegarria da enpleguarentzat eta ekonomiarentzat. Orain ez da unea. Gauza bat da hausnarketa bat egitea, eta horrela egingo dugu aurten, eta egin behar da, baina ez da zergak igotzeko unea».
2020-10-22
https://www.berria.eus/albisteak/188668/beasainen-pcrak-egitera-deitu-dituzte-13-eta-40-urte-bitartekoak.htm
Gizartea
Beasainen PCRak egitera deitu dituzte 13 eta 40 urte bitartekoak
Beasainen PCRak egitera deitu dituzte 13 eta 40 urte bitartekoak.
Osakidetzak eta Osasun Sailak herritarren lankidetza eskatu dute, eta PCRak egitera deitu dituzte 13tik 40 urtera artekoak, Beasainen. Pergola pilotalekuan atonduko dute azpiegitura. Datorren astelehen, astearte eta asteazkenean egingo dira, urriaren 26tik 28ra, 13:00etatik 20:00etara. Horretarako, aldez aurretik eskatu behar da hitzordua, honako telefono hauetan: 943 02 77 00 (Beasaingo osasun etxea) edo 900 20 30 50 (osasun aholkuan).
2020-10-22
https://www.berria.eus/albisteak/188669/haurreskolak-partzuergoak-mobilizazioei-ekingo-die-etorkizuna-kolokan-dagoela-eta.htm
Gizartea
Haurreskolak partzuergoak mobilizazioei ekingo die, etorkizuna «kolokan» dagoela eta
Lan baldintzak hobetzea, negoziazioa eta kontratazioa «desblokeatzea» eskatu dute. Asteazkenean Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean bilduko dira, eta hurrengo asterako mobilizazio gehiago iragarri dituzte.
Haurreskolak partzuergoak mobilizazioei ekingo die, etorkizuna «kolokan» dagoela eta. Lan baldintzak hobetzea, negoziazioa eta kontratazioa «desblokeatzea» eskatu dute. Asteazkenean Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean bilduko dira, eta hurrengo asterako mobilizazio gehiago iragarri dituzte.
«Haurreskolak partzuergoaren etorkizuna kolokan jartzen ari da Eusko Jaurlaritza». Kritika gogorra egin dute Haurreskolak partzuergoan ordezkaritza duten LAB, Steilas eta ELA sindikatuek, gaur goizean Bilbon egindako agerraldian. Hiru eskaera nagusi dauzkate: negoziatzea, lan baldintzak hobetzea eta kontratazioa «desblokeatzea». Horretarako, mobilizazioetara jotzea erabaki dute. Datorren asteazkenean egingo dute lehenengoa, Eusko Jaurlaritzak Gasteizen duen egoitzaren aurrean, 11:00etan. Haurreskolak partzuergoko Zuzendaritza Batzordea ere orduan bilduko da. Sindikatuek batzorde horren garrantzia azpimarratu dute, bertan hartzen baitituzte haur eskoletako langileei eta hezkuntza proiektuari buruzko erabakiak, baina langileen ahotsik ez dagoela salatu dute: «Batzorde honetan ere, ez da langileon ordezkarien ahotsa entzuten». Gasteizko, Bilboko eta Donostiako Hezkuntza Ordezkaritzen aurrean ere mobilizazioak egingo dituzte, baina egunak zehazteko dituzte. Sindikatuen hitzetan, ia bi hilabete dira ez dutela «inolako harremanik» izan partzuergoko gerentziarekin eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin. Salatu dutenez, hezkuntza arloko beste sektore batzuetako negoziazio mahaietara deitzen ari diren arren, bestela jokatzen ari dira Haurreskolak partzuergokoarekin: «Oraindik ez dute negoziazio mahaira deitu, nahiz eta ikasturte honetan behin baino gehiagotan eskatu izan dugun». Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu eta Haurreskolak partzuergoko Zuzendaritza Batzordeko lehendakariari ere zuzendu zaizkio sindikatuak, Haurreskolak partzuergoarekiko «arduragabekeria» erakusten duela salatuz. Izan ere, sindikatuen arabera, oraindik ez du izendatu negoziazio mahaira joango den ordezkaria. Zorione Etxezarraga gerente berriak egindako kudeaketarekin ere ez daude gustura: «Kargua hartu zuenetik, sindikatuekiko inkomunikazioa eta jarrera autoritarioak gailendu dira oro har». Gerenteak hartutako «aldebakarreko erabakien» ondorioz, Haurreskolak partzuergoaren hezkuntza proiektua «arriskuan» dagoela nabarmendu dute. Baldintzak, okerrera Egunerokoan bizi behar duten egoeren berri ere eman dute langileek. Azaldu dutenez, negoziazioa ukatu egin zaie, dauden hitzarmen eta araudi guztiak urratuz eta langileen ordezkaritza «gutxietsiz». Gainera, langileen kontratazio berriak geldirik daudela nabarmendu dute, eta gaixo agiriengatik, baimenegatik edo lizentziak betetzeagatik sortzen diren hutsuneak betetzeko kontratupean dauden langileak mugiarazten dituztela, «zentroen hezkuntza proiektua, irizpideak eta haurren egokitzapena hankaz gora jarriz». Hori gutxi ez, eta aparteko orduak egitera behartzen dituztela ziurtatu dute, «ordezkoak bidali ezin dituzten mehatxupean». Ehunka ordezko lanik gabe daudela ere esan dute, beharrezkoa den kontratazioa «blokeatzea» erabaki dutelako. «Zorione Etxezarragak erabaki du aurrekontua ez gainditzea —zeinak ez duen izan pandemia egoerari aurre egiteko kontingentzia planerako gehigarririk—, eta egoera hau erabiltzen ari da lanpostuak suntsitzeko eta langileon lan baldintzak okertzeko». Azkenik, egoerari buelta emateko, beste bi eskaera ere egin dituzte: doakotasuna eta Hezkuntza Sailean integratzea.
2020-10-22
https://www.berria.eus/albisteak/188670/eusko-legebiltzarra-inguratu-dute-euskal-errepublikaren-alde-egiteko.htm
Politika
Eusko Legebiltzarra inguratu dute, euskal errepublikaren alde egiteko
Ainhoa Gutierrezek eta Unai Apaolazak azaldu dute egungoa «tutoretzapeko autonomia» dela, «benetako burujabetza giltzapetzeko kaiola».
Eusko Legebiltzarra inguratu dute, euskal errepublikaren alde egiteko. Ainhoa Gutierrezek eta Unai Apaolazak azaldu dute egungoa «tutoretzapeko autonomia» dela, «benetako burujabetza giltzapetzeko kaiola».
Ehunka lagun batu dira gaur eguerdian Gasteizen, Eusko Legebiltzarra inguratzeko. Ehun euskal errepublikaren aldeko mugimenduak deitu du mobilizaziora, eta 12:00ak pasa zirela hasi da jendea parlamentuaren inguruan batzen, zinta batekin, elkarren arteko distantzia mantentzeko. Bakoitzak bere lekua hartuta, kolore ugaritako kea zabalduz koloreztatu dute legebiltzar ingurua. Osoko bilkura zuten eraikinaren barruan, baina protestara atera da Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkidea. Igandean 41 urte beteko dira Gernikako Estatutua onartu zenetik, eta, parlamentuko atarian, Unai Apaolaza eta Ainhoa Gutierrez Ehuneko bozeramaileek gogoan izan dute efemeridea: «Hemen bildu gara, EAEko Autonomia Estatutuaren 41. urteurrenean, esateko Autonomia Estatutuek eman dutela eman zezaketen guztia». Izan ere, Gutierrezen eta Apaolazaren arabera, «marko autonomiko espainiarrak etorkizun ilunago bat besterik» ezin du eskaini, eta horretan jarraituz gero etorkizunak okerrera egingo duela nabarmendu dute: «Autonomia espainiarren mugak onartuz gero, zulora goaz». Gernikako Estatutua eta Nafarroako Foru Hobekuntza sortu zireneko giroa eta «sable zaratak» ekarri dituzte gogora, uste baitute lege horiek «burujabetza nahiari topea jartzeko» sortu zirela: «Autonomia estatutu hauek, euskal herritarroi burujabetza emateko baino, euskal herritarrok burujabetza gehiago ez lortzeko giltzarrapo gisa pentsatu ziren». Horregatik, uste dute iritsi dela «argi hitz egiteko» garaia: «Autonomia estatutuak trikimailuak besterik ez dira izan, txikikerien inguruko erabakiak hartzeko ahalmena oparituz gure bizitza eta lurraldeen gaineko erabakiak hartzen ditugula sinetsarazteko. Horregatik, tutoretzapeko autonomia hauek benetako burujabetza giltzapetzeko kaiolak direla diogu. Betiko elite ekonomiko, politiko eta kulturalek irabazten jarraitzeko beharrezkoa duten kaiola». «Garai nahasiak» iragarri dituzte, eta, horietatik «onik ateratzeko», Ehunek uste du «gero eta burujabetza handiagoa” izatea beharrezkoa dela: «Espainiako Estatuaren menpe dauden autonomia hauetatik, eliteek gure ordez hartzen dituzten erabakien ondorioz, gero eta soldata baxuagoak, pentsio baxuagoak, osasungintza murritzagoa, hezkuntza kaskarragoa, bizitza ezduinagoak... besterik ezin dugu espero». Ildo horretan, Apaolazak eta Gutierrezek nabarmendu dute Espainiaren marko autonomikoa ez dela gai «burujabetza herriarengan uzteko». Horrela, ohartarazi dute legebiltzarrak ez dituela herritarrak «salbatuko» eta euskal herritarrentzat «hondamendia» dela: «Horregatik, gaur eta hemen, benetako burujabetza behar dugu. Gaur eta hemen, Euskal Errepublika bat behar dugu».
2020-10-22
https://www.berria.eus/albisteak/188671/hariri-libanoko-lehen-ministro-aukeratu-dute-protestengatik-dimisioa-eman-eta-urtebetera.htm
Mundua
Hariri Libanoko lehen ministro aukeratu dute, protestengatik dimisioa eman eta urtebetera
Gobernu berria eratzeko agindua jaso du. Gehiengo osoaren babesarekin hautatu dute gobernuburu. Abstenitu egin dira Hezbollah eta Libanoko Indarrak.
Hariri Libanoko lehen ministro aukeratu dute, protestengatik dimisioa eman eta urtebetera. Gobernu berria eratzeko agindua jaso du. Gehiengo osoaren babesarekin hautatu dute gobernuburu. Abstenitu egin dira Hezbollah eta Libanoko Indarrak.
Saad Hariri Libanoko lehen ministroaren kargura itzuli da, gobernu berri bat eratzeko aginduarekin. Diputatu gehienen babesa izan du, 118 ordezkarietatik 68rena, Michel Aoun presidenteak gidatu duen kontsulta parlamentarioen prozesu loteslean. Lehen ministroa bera buru duen Al-Mustaqbal alderdiaz gain, Haririren itzuleraren alde agertu dira AMAL, Elkartze Demokratikoa, Marada, Zentro Independentea eta diputatu armeniarren taldea. Hainbat independentek eta Tamam Salam lehen ministro ohiak ere babestu dute. L'Orient le Jour hedabideak adierazi duenez, Libanoko Indarrek eta Hezbollahk ez dute inongo hautagairen alde egin. Samir Geagea Libanoko Indarren buruak aurreratua zuen ez zuela Hariri babestuko ez duelako «boterean den hirukoaren ekinaldi batean» parte hartu nahi. Zeharkako erreferentzia egin zien, hala, Aounen Mugimendu Abertzale Libreari, AMALi eta Hezbollah talde xiitari. Hezbollahren parlamentari taldeko buru Mohamad Raadek, berriz, adierazi du abstenitu egin direla, erabaki horrek Libanon «giro positiboa» eratzen eta «itun nazional bat» lortzen lagunduko duen itxaropenez. Libanok testuinguru politiko nahasia bizi du. Horren adierazgarri, atzo, Haririren aldekoen eta kontrakoen manifestazio jendetsuak izan ziren Beirut hiriburuan. Lehen ministroaren jarraitzaileek su eman zioten Iraultzaren ukabila monumentuari, 2019an Haririren gobernuaren kontra lehertu ziren protesten ikur denari.
2020-10-22
https://www.berria.eus/albisteak/188672/asier-aginako-preso-ohia-hil-da-gaixotasun-baten-ondorioz.htm
Politika
Asier Aginako preso ohia hil da, gaixotasun baten ondorioz
2019ko urtarrilean utzi zuten libre.
Asier Aginako preso ohia hil da, gaixotasun baten ondorioz. 2019ko urtarrilean utzi zuten libre.
Asier Aginako Etxenagusia euskal preso ohia (Durango, Bizkaia) zendu da, hilabeteetan buruko tumore baten ondorioz gaixo egon ondoren. Iazko urtarrilean utzi zuten libre Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz, 2018ko abenduan ondoezik sentitu eta 2019ko urtarrilaren 16an ebakuntza bat egin eta gero. 44 urte zituen. 2004ko ekainean atxilotu zuten, Coulainen (Frantzia), ETArekin lotuta. Zortzi urteko zigorra ezarri zioten Frantziako Estatuan, eta, kondena amaitzean, Espainiaratu egin zuten. Zortzi urteko espetxea jarri zioten, eta hori ari zen betetzen. 2020ko maiatzaren 2rako zeukan ezarria irteera data. Hiru laudenak beteak zituen, beraz. Lehen graduan zeukaten askatu zutenean. Kalean egonagatik, egoera zaila bizi izan du koronabirusaren pandemiaren garaian, zaintza beharra zuen arren haren bikotekideari ez baitzioten espetxetik irteteko baimenik eman. Sortuk ohar batean nabarmendu du «eskumena duten erakundeek bere eskubideak errespetatuz azkar eta behar bezala jokatu bazuten ere, euskal preso politikoei aplikatzen zaizkien espetxe erregimenak eta salbuespen legediak indefentsioa, gaixotasunak eta eskubideen urraketak» eragiten dituztela, eta premiazkotzat jo du «euskal preso guztiak etxeratuko dituen bidean urratsak egitea, onartezina baita euskal presoak bahitu politiko gisa mantentzea». Horrenbestez, dei egin die Frantziako eta Espainiako gobernuei eta euskal gizarteari «urrats kualitatiboak egiteko, Euskal Herriko gehiengo politiko, sindikal eta sozialak erreklamatzen duen bake iraunkor eta bizikidetza demokratikoa eskuratzeko». Sarek, berriz, «babesa, elkartasuna eta maitasuna» azaldu die Aginakoren senideei, eta gaineratu du heriotzak balio behar duela «gaitz larrien aurrean behar bezalako balorazioa egin eta erabakiak denborarik galdu gabe hartu daitezen, preso horiek espetxean heriotzara arte egon ez daitezen edota gaitza eboluzionatzen utzi eta jada atzera-bueltarik ez duenean soilik aske gera ez daitezen». Hortaz, galdegin du eri diren presoak askatzea gaitza diagnostikatzen zaienetik bertatik gaixotasuna «modu egokian artatu, senide eta lagunen babesean eta konfantzazko medikuen jarraipena jasoz, gaitza garaitu edota, atzera-bueltarik ez duen kasuetan, duten denbora etxekoekin igaro ahal izateko». Etxerat elkarteak ere samina adierazi die gertukoei, eta gogorarazi du iaz Oier Gomez eta Jose Angel Otxoa Eribe preso ohiak hil egin zirela luzaroan gaixo egon ondoren. «Gaixotasun larri eta sendaezinak pairatzen dituzten muturreko egoerak ongi adierazten du euskal preso politikoei aplikatzen zaien salbuespeneko espetxe politikaren ankerkeria», erantsi du Etxerat-ek. Hemezortzi dira gaixotasun larri edo sendaezinak dituzten presoak. LABek, berriz, nabarmendu du Aginakorena ez dela izan «heriotza natural soila». Izan ere, sindikatuaren arabera, «jakina da euskal preso politikoek pairatzen dituzten espetxe baldintzek ondorio kaltegarriak dituztela pertsonen osasunean». Gainera, salatu du indarrean dagoen espetxe politika ez dela «pertsonak gizarteratzeko tresna, baizik eta pertsonak suntsitzekoa», gogora ekarri baitu Aginakok hamabost urte eman zituela espetxean «bere herritik ehunka kilometrora, lehen graduan beti». Preso atxikitzeko kalifikazioa Deigarria da Aginakok preso jarraitzeko Espainiak ezarritako zigorra. Frantziako auzitegiek ETAko kide izatea egotzita zigortu zuten, eta, ezin denez inor bi aldiz delitu beragatik zigortu, Espainiako justiziak ezin zuen akusazio berarekin zigortu. Aginako 2013an epaitu zuten Auzitegi Nazionalean, eta fiskalak ETArekin kolaboratzea egotzi zion; beste kalifikazio bat izanik, Aginako epaitua izan zitekeen akusazio horren pean. Epaiketan, fiskalak argudiatu zuen ez zegoela inolako frogarik argudiatzeko Aginako ETAko kide zela, nahiz eta akusatuak deklaratu zuen bazela. Horiek horrela, fiskalak adierazi zuen frogatutzat jo zitekeen gauza bakarra zela Aginakok "laguntza" eman ziola ETAren Bizkaia komandoari, haren parte izan gabe. Fiskalaren eskaria aintzat hartu zuen epaileak, eta zortzi urteko zigorra ezarri zion.
2020-10-22
https://www.berria.eus/albisteak/188673/defentsak-ondorioztatu-du-ez-dela-frogarik-aurkeztu-jaro-operazioko-auzipetuen-kontra.htm
Mundua
Defentsak ondorioztatu du ez dela frogarik aurkeztu 'Jaro operazioko' auzipetuen kontra
Causa Galizako bederatzi auzipetuen kontrako epaiketa sententziaren zain gelditu da. Auziak azaroaren 3an jarraituko du, Ceivar elkarteko hiru akusatuen epaiketarekin.
Defentsak ondorioztatu du ez dela frogarik aurkeztu 'Jaro operazioko' auzipetuen kontra. Causa Galizako bederatzi auzipetuen kontrako epaiketa sententziaren zain gelditu da. Auziak azaroaren 3an jarraituko du, Ceivar elkarteko hiru akusatuen epaiketarekin.
Jaro operazioaren auziko atal bat sententziaren zain gelditu da, Espainiako Auztegi Nazionalean. Galiziako hamabi kide independentista daude akusatuta, «terrorismoa goratzeko talde kriminal bateko kide» izateagatik. Horietako hiru Ceivar «errepresioaren kontrako» elkartekoak dira, eta gainerako bederatziak Causa Galizako kide edo jarraitzaileak. Azken horien kontrako epaiketa da gaur amaitu dena. Fiskaltzaren eta defentsaren ondorioek itxi dute auzia. Ceivar elkarteko hiruren epaiketak azaroaren 3an jarraituko du. Fiskaltzak lau eta hamabi urte arteko espetxe-zigor eskariak berretsi ditu hamabi auzipetuentzat. Defentsak, aldiz, guztien absoluzioa galdegin du. Haren iritziz, akusazioak ez du inolako frogarik aurkeztu «terrorismoa» goratu zutela baieztatzeko. Bestalde, fiskaltzak eutsi egin dio Ceivar eta Causa Galiza elkarteak desegiteko eskariari, «ekintza terroristak babesteko eta goratzeko estrategia bat» ondu zutela argudiatuta. Bi elkarte horiek Resistencia Galega talde armatuarekin sare bat osatzen dutela ziurtatu du. Ceivarri egotzi dio «terrorismoagatik» kondenatutako presoei babesa ematea, eta Causa Galizari, Galizia Borrokalari Eguna antolatzea. Egun hori Lola Castro eta Xose Vilar EGPGC Exercito Guerrilheiro do Povo Galego Ceive talde armatuko kideen omenaldi bihurtzea leporatu dio. Manuel Chao defentsa abokatuak ukatu egin du hori. Galizia Borrokalari Eguna 1991. urtetik ospatzen dela nabarmendu du, eta hiru hamarkadako epean ez dela inolako debekurik edo isunik ezarri «eremu publikoan» eta «administrazioaren baimenarekin» egin ziren ekitaldi horien kontra. Ukatu egin du, gainera, egun horretan Lola Castro eta Xose Vilar EGPGCko kide ohiak omentzen direla berariaz —1990eko urriaren 11n hil ziren biak, narkotrafikatzaileen ondasunen kontrako eraso batean lehergailu batek eztanda egin zienean; egun horretan ospatzen da Galizia Borrokalari Eguna—. Aldiz, Galiziako independentismoak esanguratsutzat jotzen dituen beste hainbat militante ere omentzen direla nabarmendu du, eta izaera «memoristikoa» duela. Gainera, EGPGC 1991n «desagertu» zela argitu du. Defentsaren esanetan, fiskaltzak ez du frogatu auzipetuek «terrorismoa» goratzen duen esanik edo ekintzarik egin zutenik, eta ez da halakorik ageri Guardia Zibilaren txostenetan ere. Fiskaltzaren kontakizuna Resistencia Gelaga talde terrorista existitzen dela esateko bideratuta dagoela salatu du abokatuak, eta ukatu egin du talde hori badela. «Causa Galiza Resistencia Galegari babesa emateko erakundea bada, nola liteke haren kide bat bera ere zigortuta ez egotea Resistencia Galegako kide izateagatik?». Defentsak argudiatu du, erakunde bati talde kriminal izaera egozteko, erakunde horrek «helburu kriminal bat» izan behar duela, eta ez dela hori Ceivarren eta Causa Galizaren kasua. Biek, eratu zirenetik, «legezko jardun publikoa» garatu dutela nabarmendu du. Halaber, defentsak baztertu egin du bi elkarteek «egitura opakua» dutela, Guardia Zibilak bere txostenetan dioenaren kontra. Adierazi duenez, horren isla da Guardia Zibilak elkarteen kontra egiteko aurkeztu dituen dokumentuak elkarteek publikoki zabaldu dituztenetan oinarritu direla.
2020-10-22
https://www.berria.eus/albisteak/188674/agerraldi-bat-izan-da-baionako-espetxean-eta-hamar-langile-kutsatu-dira.htm
Gizartea
Agerraldi bat izan da Baionako espetxean, eta hamar langile kutsatu dira
Presoen artean ez da positiborik antzeman agerraldi honetan.
Agerraldi bat izan da Baionako espetxean, eta hamar langile kutsatu dira. Presoen artean ez da positiborik antzeman agerraldi honetan.
Osasunaren Eskualdeko Agentziaren arabera, gutxienez hamar langile kutsatu dira Baionako espetxean koronabirusarekin. Zehaztu duenez, ez da presoen artean inor kutsatu agerraldi honetan. SNP eta FO sindikatuek espetxeko egoera salatu dute. Zehaztu dute gaixo agiria hartzen duten langileak ez dituztela ordezkatzen, eta horrek lanean jarraitzen duten langileen egunerokoa zailtzen duela. "Egunero falta dira positibo eman duten edo positiboren batekin harreman zuzena izan duten langileak. Zenbat denbora jarraitu ahal izango dugu horrela?", galdetzen dute sindikatuek, agerraldiaren berri izan ondoren bidali duten oharrean. Aurreko astean, lau Iragan astean lau langile kutsatu zirela salatu zuen Espetxe Zaindarien Sindikatuko bozeramaile Olivier Bittek: «Lau langile kutsatu dira; eta hainbat lankide bakartuak ditugu. Ulertezina da, aleatorioa da guztiz: denak izan gara kontaktuan, baina ez gaituzte denak bakartu». Hainbat langileri egin zizkieten orduan PCR probak. Orduko horretan Bittek salatu zuenez, «saihetsezina da» presoak ere kutsatzea. Kartzelara iristen diren presoek aste bateko itxialdia egin behar dute, baina ez zuen ordura arte preso bakar batek ere PCR proba egin. Bakartua izateak eguneko aire hartzea egiteko arazoak sortzen ditu. Bitte: «Hamaika preso itxialdian dira oraingoz, eta bakarrik egin behar dute dena. Arazoa da airea hartzeko hiru ordutegi soilik badirela egunean zehar. Batzuk atera gabe egoten dira bi edo hiru egunez». Presondegiko egoera sanitarioaren kudeaketarekin «haserre» agertu zen Espetxe Zaindarien Sindikatuko kidea. «Baionako kartzelan gauden guztiok kontaktuan gara, etengabe. Gainera, kanpoko parte hartzaileak etortzen dira. Kudeaketa ez badute aldatzen, denak kutsatuko gara», deitoratu zuen.
2020-10-22
https://www.berria.eus/albisteak/188675/etxeratze-agindua-emanen-dute-ipar-euskal-herrian.htm
Gizartea
Etxeratze agindua emanen dute Ipar Euskal Herrian
Jean Castex Frantziako lehen ministroak iragarri du neurria. Ezingo da etxetik irten 21:00etatik 06:00etara. Pirinio Atlantikoetako prefeturak erran du ostatuak itxiko dituztela gutxienez hiru astez.
Etxeratze agindua emanen dute Ipar Euskal Herrian. Jean Castex Frantziako lehen ministroak iragarri du neurria. Ezingo da etxetik irten 21:00etatik 06:00etara. Pirinio Atlantikoetako prefeturak erran du ostatuak itxiko dituztela gutxienez hiru astez.
Ipar Euskal Herrian etxeratze agindua emanen dutela iragarri du Jean Castex Frantziako lehen ministroak gaur arratsaldean. 21:00etatik 06:00etara iraunen du, eta ostiral gauerditik aitzina ezarriko da. Tarte horretan, herritar guziek etxean egon beharko dute, eta komertzio guziak itxiak izanen dira. Karrikara atera ahal izateko, ziurtagiri bat beharko da. Ipar Euskal Herriari ez ezik, Frantziako hainbat departamenduri ere eraginen die neurriak. Pirinio Altantikoetako prefeturak Berriari jakinarazi dionez, hiru aste iraunen du hasieran neurriak, eta ministroak iragarritakoak baino neurri gogogorragoak hartuko ditu Eric Spitz prefetak: ostatuak egun osoan itxiak egonen dira hiru astez; unibertsitateek, eta ikasleak hartzen dituzten beste egiturek erdira apaldu beharko dute haien harrera gaitasuna; kirol gertakarietan, 5.000 pertsonatik milara apalduko du gehienezko kopurua. Beste egitura andana ere itxia egon beharko da hiru astez: joko gelak, kasinoak, erakusketa gelak, kirol gelak... Hala ere, ikastetxeei, kirolari profesionalei, eta interes orokorreko ekitaldie -odol emaiteak, txerto kanpainak, janari banaketak- harrera egiten ahalko diete. Ondoko orduetan eginen dituzte ofizial neurri guzi horiek. «Denbora gutxi dugu» Larri mintzatu da Frantziako lehen ministroa: «Bigarren olatua hor da; egoera larria da». Osasun larrialdia ezarri zuten joan den astean, baina azken egunetan egoera «okertu» dela erran du. Herritarrei babes neurriak errespetatzeko eskatu die, «erantzukizun eta elkartasun kolektiboa» aipaturik. «Ukituak ez garen bitartean ukiezinak garela uste dugu. Alta, denak ukitzen ditu, gazte ala ez hain gazte, hirian eta kanpoaldean. Maila ezberdinean ukitzen gaitu, baina denak ukitzen gaitu». Abisua ere eman du, epidemia gainditu ezean neurri «zorrotzagoak» hartu beharko dituztela erranez. «Oraindik denbora badugu, baina denbora gutxi gelditzen zaigu».
2020-10-22
https://www.berria.eus/albisteak/188676/keldermanek-maglia-arrosa-kendu-dio-almeidari.htm
Kirola
Keldermanek maglia arrosa kendu dio Almeidari
Jai Hindleyk irabazi du hemezortzigarren etapa, Stelvio mendate handiaren eguna. Pello Bilbao hirugarren izan da, eta sailkapen nagusian laugarren jarri da.
Keldermanek maglia arrosa kendu dio Almeidari. Jai Hindleyk irabazi du hemezortzigarren etapa, Stelvio mendate handiaren eguna. Pello Bilbao hirugarren izan da, eta sailkapen nagusian laugarren jarri da.
Wilco Keldermanek (Sunweb) maglia arrosa kendu dio Joao Almeidari (DQT). Herbehereetarra da Italiako Giroko lider berria. Hemezortzigarren etapa Jai Hindleyk (Sunweb) australiarrak irabazi du. 207 kilometroko ibilbidea izan du, eta tartean, Stelvio mendate handia. Gain mitikoak birrindu du lehendik ere hautsita zetorren lasterketa. Faboritoen tropelean, Rohan Dennisek (Ineos) sekulako astindua eman dio erritmoari, eta ihesean zihoazen hamabost txirrindulariak harrapatuz joan da. Ben O'Connor (NTT) izan da harrapatu duen azkena Dennisen martxa biziak. Ordurako, beste hiru txirrindularirekin zihoan buruan australiarra: Hindley, Tao Geoghegan Hart (Ineos) eta Wilco Kelderman. Atzean geratua zen Almeida liderra. Baita Pello Bilbao ere (Bahrain). Stelvion gora, Kelderman geratu da atzean, eta atzerago zihoazen Bilbao eta Fuglsang (Astana). Mendate handian, lasterketa buruan zihoan hirukotea izan da aurrena igaro dena. Atzetik Kelderman zuten, 49 segundora, eta atzerago, Bilbao eta Fuglsang, 1.38ra; Almeida liderrak 3.37 galdu ditu Stelvion. Maldan behera, etapa amaierako Laghi di Cancano gainaren azpiraino heldu dira. Lehen mailako mendatean gora, Dennisek amore eman du, lan itzela egin eta gero. Atzetik, Bilbaok eta Fuglsangek harrapatu egin dute Kelderman, eta berehala utzi dute atzean, gainera. Bederatzi kilometro falta ziren etapa amaitzeko. Handik hiru kilometrora, Bilbaok esan dio agur iheskideari, eta bakarrik joan da Hindley eta Geoghegan Harten bila. Ez du asmo hori gauzatzerik izan, eta hirugarren egin du azkenean. Aurreko bien arteko esprintean, Hindley izan da azkarrena. Biharko etapa izango da lasterketako luzeena: 251 kilometro izango dituzte Morbegno eta Asti artean. Etala laua da. 18. etapa 1. Jai Hindley (SUN) 6h03'03'' 2. Tao Geoghegan Hart IGD d.b 3. Pello Bilbao (BAH) 46ra 4. Jakob Fuglsang (AST) 1.25era 5. Wilco Kelderman (SUN) 2.18era 6. Patrick Konrad (BOH) 4.04ra 7. Joao Almeida (DQT) 4.51ra 8. Vincenzo Nibali (TFS) d.b. 9. Hermann Pernsteiner (TBM) d.b. 10. Fausto Masnada (DQT) 4.55era Sailkapen nagusia 1. Wilco Kelderman (Sunweb) 77.46.56 2. Jai Hindley (Sunweb) 12ra 3. Tao Geoghegan Hart 15era 4. Pello Bilbao (Bahrain) 1.19ra 5. Joao Almeida (DQT) 2.16ra 6. Jakob Fuglsang (Astana) 3.59ra 7. Patrick Konrad (Bora) 5.40ra 8. Vincenzo Nibali (Trek) 5.47ra 9. Fausto Masnada (Deceunninck) 6.46ra 10. Rafael Majka (Bora) 7.28ra Dan Martin nagusi Espainiako Vueltan Espainiako Vueltan, Dan Martinek (Israel) irabazi du hirugarren etapa, Laguna Negra Lehen Mailako mendatean amaitutakoa. Esprintean hartu die aurrea Primoz Roglici (Jumbo) eta Richard Carapazi (Ineos). Segundo gutxiren buruan ailegatu dira Vueltako txirrindulari nagusiak. Guztiak, Esteban Chaves (Mitchelton) izan ezik: arazo mekanikoak izan ditu azken igoeran, eta minutu pasatxo galdu du helmugan. Sailkapen nagusian, etapako lehen hiru sailkatuak daude aurreneko hiru postuetan: Roglic da lehena; Martin bigarren, bost segundora; eta Carapaz hirugarren, hamahiru segundora. Bihar laugarren etapa jokatuko dute, Garray eta Ejea de los Caballeros artean (Espainia): 191,7 kilometro. Laua da; beraz, lehen aukera izango dute esprinterrek.
2020-10-22
https://www.berria.eus/albisteak/188677/europako-parlamentuak-bielorrusiako-oposizioari-eman-dio-sakharov-saria.htm
Mundua
Europako Parlamentuak Bielorrusiako oposizioari eman dio Sakharov saria
David Sassoli Europako Parlamentuko presidenteak Lukaxenkoren kontrako mugimenduaren «adorea, erresilientzia eta irmotasuna» goraipatu ditu.
Europako Parlamentuak Bielorrusiako oposizioari eman dio Sakharov saria. David Sassoli Europako Parlamentuko presidenteak Lukaxenkoren kontrako mugimenduaren «adorea, erresilientzia eta irmotasuna» goraipatu ditu.
Europako Parlamentuak Bielorrusiako oposizio mugimenduari eman dio kontzientzia askatasunaren Sakharov saria. Alexander Lukaxenkoren gobernuaren kontrako protestak «pentsamendu eta adierazpen askatasuna» mamitzen duela adierazi du David Sassoli europarlamentuko presidenteak, eta gaineratu du Europak «Bielorrusiako herriarekiko duen miresmena» handituz doan aldi berean handiagoa dela Lukaxenkoren «erantzun geroz eta bortitzagoek» pizten dioten «samina» ere. Europako Parlamentuak Bielorrusiako presidenteari esan dio hauteskundeak «galdu» zituela eta «bere herriaren ahotsa entzun» behar duela. Bielorrusian abuztuaren 11n egin zituzten azken hauteskundeak, eta, ordutik, protesta jendetsu ugari izan dira Lukaxenkoren gobernuaren aurka, bozen emaitzak iruzurra direla salatzeko —datu ofizialen arabera, botoen %80 lortu zituen Lukaxenkok—. Sassolik goraipatu egin ditu oposizioaren «adorea, erresilientzia eta irmotasuna». Hauteskundeak izan eta bederatzi egunera, mugimendua ordezkatzeko Koordinazio Kontseilua bultzatu zuen Svetlana Tikhanovskaia buruzagi politikoak. Elkarte horretako kide dira Maria Kolesnikova musikaria, Sergei Tikhanovski blogaria, Alex Bialiatski giza eskubideen aldeko ekintzailea eta 2010eko bozetan oposizioko presidentegai izan zen Nikolai Statkevitx ere. Bielorrusiako oposizioa saritzeko proposamena Europako Parlamentuko hiru talderena izan da: popularrena, sozialdemokratena eta liberalena. Proposamena babestu dute kontserbadoreek eta erreformistek. Saria jasotzeko hautagai finalisten artean ziren, batetik, Berta Caceres Honduraseko ekintzaile ekologista —2016an erail zuten— eta herrialde berean meatzaritza enpresa baten kontrako protestengatik espetxeratuak izan ziren Guapinol elkarteko ekintzaileak, eta, bestetik, Irakeko Mosul hiriko artzapezpikua.
2020-10-22
https://www.berria.eus/albisteak/188678/asisko-urmenetak-eta-joseba-larratxek-basolatik-berri-onik-ez-komikia-aurkeztu-dute.htm
Kultura
Asisko Urmenetak eta Joseba Larratxek 'Basolatik berri onik ez’ komikia aurkeztu dute
'Xabiroi' aldizkarian atalka emandako komikia liburu batean bildu dute Urmenetak eta Larratxek. Mundu fantastiko batean bildu dituzte Orbaitzetako ola eta bertako XVII. mendeko biztanleak.
Asisko Urmenetak eta Joseba Larratxek 'Basolatik berri onik ez’ komikia aurkeztu dute. 'Xabiroi' aldizkarian atalka emandako komikia liburu batean bildu dute Urmenetak eta Larratxek. Mundu fantastiko batean bildu dituzte Orbaitzetako ola eta bertako XVII. mendeko biztanleak.
Kondairak dio Basolatik ez dela berri onik heltzen. Kondairari izkin egin, eta Basolako arma olari (Orbaizeta, Nafarroa) fantasiazko unibertso propio bat eman diote Asisko Urmeneta eta Joseba Larratxe komikigileek. Lau urte dira arma ola abiapuntu hartuta Xabiroi aldizkarirako komikiak sortzen hasi zirela. Orain, Xabiroi-n argitaratutakoak liburu bilduma batean eman dituzte. Dani Fano aldizkariko zuzendaria izan da proiektuko editorea, eta Ikastolen Elkarteak argitaratu du lana. Bi egileek batera ondutako lehen lana da. Urmenetak egin du gidoia, eta Larratxek marrazkiak. «Munduan erakusteko moduko lana da». Hitz horiekin deskribatu du egindakoa Urmenetak. «Ametsetako proiektua, nire lana zergatik egiten dudan oroitarazi didana. 15 urte nituela hau egingo nuela erran izan balidate, ez nukeen sinistuko», Larratxek. «Oso-oso-oso zoriontsu egin nauen proiektua», Fanok. Bat egin dute ideia batean: «Prozesu oso aberasgarria izan da». Hitz politak baizik ez dituzte egilek egindako lanaren inguruan. Baita proiektua bultzatu duen Ikastolen Elkartearekiko ere, komikigintza bultzatzeko egiten duten ahaleginagatik. Fanok hasi zuen bidea. Xabiroi aldizkarirako komiki bat egiteko enkargua egin zien Urmenetari eta Larratxeri. Abiapuntua ere jarri zien: Orbaizetako arma olan kokatua egotea. «Txikitatik joan izan naiz oporretan Aezkoako ibarrera, eta iruditzen zitzaidan ola leku aproposa zela zerbait sortzeko», kontatu du Fanok. Hortik aitzinerako dena libre zuten. «Danik proposatu zigun oraingo hondakinetatik abiatu eta historian gertatu dena asmatzea. Pribilegio bat izan da nahi duguna kontatzea», nabarmendu du Urmenetak. XVII. mendean kokatu dute, eta fantasiazko mundu bat eman diote arma olari. Kolore ilunak dira nagusi, eta, pertsonez gain, bertzelako izaki fantastikoak ere gehitu dizkiote istorioari: Orkaitzak. Hasiera eta bukaera ditu kapitulu bakoitzak, eta berezitasun bat ere badute guztiek: denetan hiltzen da pertsonaiaren bat. Atal bakoitzean olako lanbide baten inguruko historia kontatu dute, eta pertsonaiak kapituluetan elkarrekin gurutzatuz doaz. Komiki bilduman fantasiazko mundu bat sortu dute, baina dokumentazio lan sakona egin dute horretarako. «Orbaizetan izan gara lekua ezagutzen, Legazpiko Mirandaolan ola batean nola lan egiten duten ikusten, bertako historiari buruz irakurri dugu. Finean, iturri askotatik edan dugu gero fantasiazko mundu hori sortzeko», azaldu du Urmenetak. Lan egiteko manera ere partikularra izan dute. Urmeneta arduratu da planteamendu orokorra egiteaz eta pertsonaien ingurumaria idazteaz. Urmenetaren testuak abiapuntu hartuta sortu ditu pertsonaiak Larratxek. Behin pertsonaiaren zirriborroa eginda eta Urmenetari bidalita, elkarrekin eztabaidatu dituzte garapenaren nondik norakoak. Fanoren laguntza ere izan dute tartean, eta hirurek «elkarlanean» egindako lana dela nabarmendu dute. Bertzearen lanaren inguruan hitz onak bertzerik ez dute egileek: «Miresten dut Josebaren lana. Nik deskubritu ditut pertsonaiak, bai, baina berak eman die ezinezko anatomia hori. Erabat asmatu du horretan», kontatu du Urmenetak. Marrazkilariak harturiko erabaki artistikoak goraipatu ditu: «Kolore aldetik, apustu aparta egin du. Alde batetik, gorria, kolore belikoak gisa hautatuz, eta bertzetik, bertako koloreak ere sartuz». Emaitza «XVII. mendeko atmosfera» da. Larratxek berak ere nabarmendu du bilduma osatzekoa prozesu oso gustagarria izan dela. Urmenetarentzat hitz onak bertzerik ez du: «Proposatzen zidanean, beti argi ikusten nuen zein zen egin beharreko lana. Oso komikigile ona da bera, eta alferrikako lan gutxi egin behar izan dut», nabarmendu du. Gainera, lana atalka egitearen onurak ere aipatu ditu: «Xabiroi-n argitaratzeak aukera eman digu atalak banaka egin eta dena soseguz prestatzeko» . Mundu propioaren bila Komikia ontzeko lanean, oztopoak ere aurkitu dituzte bidean: «Dena sortuta dago, eta batzuetan erreferentzia kultural denen kontra egindako borroka ere izan da. Mundu propio bat sortzean, zaila da bertzelako erreferentziek eragin gehiegi ez izatea», azaldu du Urmenetak. Denera lau urteko prozesua izan da. Eta, egindakoa eginda, «gogobeteta» eta «harro» daude orain sortzaileak. «Ez dakit niri dagokidan hau erratea, baina harro nago egindakoaz. Tarteka badagokigu hori ere erratea», nabarmendu du Larretxek. Halaber, ez dute baztertu unibertso horrek jarraipena izatea: «Orkaitzak aipatu ditugu liburuan, eta ez dugu horien inguruko inolako azalpenik eman. Hurrengo baterako aukera izan daiteke».
2020-10-22
https://www.berria.eus/albisteak/188679/hego-euskal-herrian-oraingoz-ez-dute-etxeratze-agindua-ezarriko.htm
Gizartea
Hego Euskal Herrian oraingoz ez dute etxeratze agindua ezarriko
Lurraldeen Arteko Osasun Kontseiluaren bileran, autonomia erkidego gehienak agertu dira neurri hori Espainiaren menpeko lurralde guztietan aplikatzearen alde
Hego Euskal Herrian oraingoz ez dute etxeratze agindua ezarriko. Lurraldeen Arteko Osasun Kontseiluaren bileran, autonomia erkidego gehienak agertu dira neurri hori Espainiaren menpeko lurralde guztietan aplikatzearen alde
Espainiako Osasun ministro Salvador Illak azaldu duenez, Lurraldeen Arteko Osasun Kontseiluaren bileran adostasun handia egon da Espainiaren menpeko lurralde guztietan ekiinbide komunerako esparru bat ezartzeko komenigarritasunaren inguruan. Onartutako dokumentuan, autonomia erkidego guztietarako esparru bat ezartzen da, lau alerta maila, arriskua baloratzeko zenbait irizpide, eta maila bakoitzean har litezkeen neurrien zerrenda ere. Euskal Autonomia Erkidegoa ez da plan bateratu horrekin ados agertu eta abstenitu egin da, Madrileko Erkidegoak egin bezala. Etxeratze agindua ezartzeko egokitasunaren inguruan ere adostasun handia egon da, Illak esan duenez, baina neurria ez dute berehalakoan hartuko, lehenago horren inguruko lege segurtasuna bermatu nahi dutelako eta zehatz-mehatz jakin zein den horrelako neurri batek beharko lukeen legezko euskarria. Espainiako Gobernuaren ustez, etxeratze agindua ezartzeko ezinbestekoa da alarma egoera indarrean egotea, baina autonomia erkidego batzuk ez daude prest horretarako. "Egoera kezkagarria da", esan du Illak, "eta oso aste gogorrak datoz. Bigarren olatua ez da mehatxua, errealitatea baizik. Adi egon behar dugu".
2020-10-22
https://www.berria.eus/albisteak/188680/tabernek-iluntzeko-bederatzietan-itxi-beharko-dute-intzidentzia-tasa-handia-duten-herrietan.htm
Gizartea
Tabernek iluntzeko bederatzietan itxi beharko dute intzidentzia tasa handia duten herrietan
Bi neurri berri jarriko dira bihar indarrean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Batek intzidentzia tasa handiko herriei eragingo die; besteak, gainontzeko guztiei. Semaforo gorria piztua duten herrietan ezingo da talde kirolik egin, eta are gehiago mugatuko dira denden eta parkeen ordutegiak.
Tabernek iluntzeko bederatzietan itxi beharko dute intzidentzia tasa handia duten herrietan. Bi neurri berri jarriko dira bihar indarrean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Batek intzidentzia tasa handiko herriei eragingo die; besteak, gainontzeko guztiei. Semaforo gorria piztua duten herrietan ezingo da talde kirolik egin, eta are gehiago mugatuko dira denden eta parkeen ordutegiak.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan indarrean jarriko diren neurri berriak aurkeztu ditu Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Horiek 5.000 herritar baino gehiago izan eta 100.000 biztanleko 500 kasu baino gehiago dituzten herriei eragingo die. Hau da, Gipuzkoako hogei herriri eta Bizkaiko bosti. Hala, EAEko aldizkari ofizialean bi agindu argitaratuko dira, eta bihar bertan sartuko dira indarrean. Agindu batek semaforo gorria piztua duten herriei eragingo die, eta besteak, gainerakoei. 5.000 herritar baino gehiago eta 500eko intzidentzia tasa dute herrietan, besteak beste, talde kirolak egitea debekatu du Jaurlaritzak, eremu irekian edo itxian izan. Hau da, kirola bakarka bakarrik egin ahal izango da. Horrez gain, haur parkeak, parke publikoak eta terrazak itxita egongo dira 21:00etatik 08:00etara. Merkataritza establezimenduen kasuan, 21:00etan itxi beharko dituzte ateak, elikadura establezimenduen, farmazien eta gasolindegien kasuan izan ezik. Horiek, ordea, ezingo dute alkoholik saldu ordu horretatik aurrera. Ostalaritzarako ere merkataritzako establezimenduei jarritako ordutegi bera ezarri dute. Tabernek eta jatetxeek itxiera ordutegia 21:00 arte aurreratu beharko dute, eta ezingo dira 06:00 arte ireki. Gainera, orain arte bezala, eserita eta mahai batean kontsumitu beharko da, inolaz ere ez barran. Hainbat gomendio ere eman ditu Osasun sailburuak. Besteak beste, irteerak mugatzea —beharrezko kasuetan izan ezik—, egin beharreko topaketak atzeratzea, eta elkarrekin bizi direnekin bakarrik elkartzea. Hala, sei lagun baino gehiago ez biltzea gomendio bat izango da, ez agindua, EAEko Auzitegi Nagusiak emaniko ebazpenaren ostean. Ondorengoak dira neurri horiek eragingo dieten herriak: Abadiño, Durango, Elorrio, Ermua eta Lekeitio (Bizkaia); eta Andoain, Astigarraga, Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Deba, Eibar, Elgoibar, Hernani, Lazkao, Legazpi, Lezo, Oñati, Ordizia, Pasaia, Tolosa, Urnieta, Urretxu, Zumaia eta Zumarraga (Gipuzkoa). Gainerako herrietan, ostalaritzako establezimenduek 00:00etan itxi beharko dute, eta elkarte gastronomikoetan eta txokoetan ezingo da inongo jarduerarik egin. Gainerako neurriak Jaurlaritzak aurretik jakinarazitakoak izango dira. Hori bai, herri horietan ere topaketak sei lagunetara mugatzea gomendatzen dute.
2020-10-22
https://www.berria.eus/albisteak/188681/realak-mendean-hartu-du-rijeka-neurketaren-hondarrean-egindako-gol-bati-esker.htm
Kirola
Realak mendean hartu du Rijeka, neurketaren hondarrean egindako gol bati esker
Txuri-urdinek irabaziz hasi dute Europa liga. Donostiarrek baloia gehiagotan eduki dute partida osoan, baina azken unera arte kamuts aritu dira atearen aurrean.
Realak mendean hartu du Rijeka, neurketaren hondarrean egindako gol bati esker. Txuri-urdinek irabaziz hasi dute Europa liga. Donostiarrek baloia gehiagotan eduki dute partida osoan, baina azken unera arte kamuts aritu dira atearen aurrean.
Rijekaren sarean harrapatuta geratzekoa zenean, kroaziarren amaraunetik ihes egitea lortu du Realak. Europa ligako multzokako fasea irabaziz hasi dute txuri-urdinek, Jon Bautistak luzapenean egindako gol bati esker. Etxekoen lakioan lotuta geratzear zirela, Jon Bautista errenteriarrak ondo baliatu du bere aukera, huts eta batekoa egin eta hiru puntuak Donostiara eramateko. Ordura arte, ordea, larri aritu dira Imanol Alguacilenak, baloia gehiagotan eduki arren, ezin izan baitute golik sartu. Ekin, gogotsu ekin diote neurketari Imanolen jokalariek. Baita prestatzaileak ere; ahalik eta talderik indartsuena zelairatu du oriotarrak. Hiru urte ziren Reala Europa ligan aritzen ez zela, eta lehen partida irabazteak zuen garrantziaz jakitun, erasora egin dute hasiera-hasieratik. Estreinako minutuetan sarri sartu dira Rijekaren areara. Seigarren minutuan izan dute lehen aukera donostiarrek; korner batean, buruz errematatu du Mikel Merinok, baina saiakera hutsala izan da. Hurrengo minutuetan zelaian agintzen segitu du Realak, baina pixkanaka jokoa zelaian zehar barreiatu da. Rijekak kontraerasora soilik desoreka zezakeen Reala, eta hartara jokatu du. Izan du aurretik jartzeko aukerarik, baina Alex Remirok erantzun ona eman die etxekoen jaurtiketei. Realak, berriz, baloia gehiagotan eduki arren —%64koa izan du lehendabiziko zatian— argitasun falta izan du atearen aurrean, eta horixe izan da txuri-urdinen lasta. Futbolean alferrikakoa baita aurkariaren area inguruan aritzea, baloia atera bideratzen ez bada. Robin Le Normandek izan du bisitariak aurretik jartzeko aukera, baina 25. minutuan buruz egindako errematea langara joan da. Hortik aurrera, gipuzkoarren saialdiak Cristian Portuk eskuin hegaletik piztutako txinparten mende egon dira. Rijekak ere gertu izan du gola lehen zatiaren hondarrean. Realeko atzeko lerroaren huts baten ondorioz ezlekuan geratu da baloia, eta Remirok irten behar izan du hura urruntzera. Gisa horretara, hutsean joan dira jokalariak aldageletara. Rijeka, eroso; Reala, astun Bigarren zatian itzaltzera egin du partidak. Reala etxekoen erritmo berean jokatzen hasi da, eta horrek kaltea besterik ez dio egin. Egoera horretan eroso egon da Rijeka. Kroaziarren amaraunean harrapatuta geratu dira txuri-urdinak, eta hortik ihes egitea kosta egin zaie hurrengo minutuetan. Atzean sartu dira etxekoak, baina ez dute estutasun handirik igaro. Aldiz, Realak zirrikituren bat aurkitu nahian iragan ditu minutu ugari, baina alferrik. Portuk izan du atsedenalditik igaro osteko aukerarik argiena. Espainiarrak eskuin hegaletik egindako jokaldia batean lortu du area barrura sartzea, baina haren jaurtiketa gurutzatua gutxigatik kanpora joan da. Gurutze bidea hasia zen txuri-urdinentzat. Izan ere, norgehiagokak aurrera eginagatik geroz eta eskasago aritu da Reala. Dema lokartzeko xedez ari zen Rijeka; 60. minutua bete denerako ontzat emana zuen berdinketa, eta ahalik eta gutxien jokatzea izan du helburu. Presarik gabe etxekoak, eta antsia ukituarekin bisitariak. Realak bazekien balio txikia izango zuela berdinketa batekin Euskal Herriratzeak. Zelaian nagusi izan eta aurkariak adina sari jasotzeak kamustu egingo zuen Europa ligako estreinaldia. Horren jakitun, aurrelarien aldeko apustua egin du Imanolek. Prestatzaile oriotarrak Willian Joseri eman dio aukera lehendabizi. Brasildarrak apur bat suspertu du txuri-urdinen jokoa, eta Merinok bizitzera egin du azken minutuetan. Hala, nafarraren oinetatik abiatutako jokaldi batek Mikel Oiartzabalengan izan du helmuga, eta eibartarrak bere zangoetan izan du lehendabiziko gola. Haren jaurtiketa zutoinera joan da, ordea, eta hantxe amaitu da Oiartzabalen partida. Imanolek hura kendu eta Bautistaren alde egin du. Errenteriakoak ez du hutsik egin. Zelairatu eta bost minutura Merinok lerro artean emandako pase bat ukitu eta sareetara bota du baloia. Partidak berdinketaren traza hartua zuenean lortu du irabazteko gola. Nola edo hala irabaztea zen Realaren xedea. Lortu du, eta hasiera ezin hobea izan du Europa ligan. Nahiz, partidaren joanari erreparatuta, patxada handiagoz garaitzeko arrazoiak izan. Puntuek balio dute, eta zakuratu dituzte. Egina bale.
2020-10-22
https://www.berria.eus/albisteak/188682/erietxera-eraman-dute-inaki-bilbao-euskal-presoa.htm
Politika
Erietxera eraman dute Iñaki Bilbao euskal presoa
AEMk salatu du bere borondatearen kontra elikatzen ari direla
Erietxera eraman dute Iñaki Bilbao euskal presoa. AEMk salatu du bere borondatearen kontra elikatzen ari direla
43 egun daramatza gose greban Iñaki Bilbao euskal presoak, eta atzo erietxera eraman zuten AEM Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak jakitera eman duenez. «Derrigorrez elikatua» izaten ari dela salatu dute, eta «sasi txakurren» zaintzapean dagoela. «43 egun gose greban egotea gorputzarentzat zigor gutxi balitz, psikologikoki modu zakarrean torturatzen jarraitzen du estatu espainolak», deitoratu du AEMk. «Dintasuna tinko mantentzen duen gudari eredugarriaren» aldeko mobilizazioka iragarri ditu, eta horietan parte hartzera deitu du.
2020-10-23
https://www.berria.eus/albisteak/188711/lander-garrok-irabazi-du-nobelak-idazten-laguntzeko-agustin-zubikarai-saria.htm
Kultura
Lander Garrok irabazi du nobelak idazten laguntzeko Agustin Zubikarai saria
Euskal Herriko giro nahasitik ihesi Bartzelonara doan Xabi Ugarte pertsonaiaren nondik norakoak ditu ardatz proiektuak, eta 'Faith' du behin-behineko izenburua.
Lander Garrok irabazi du nobelak idazten laguntzeko Agustin Zubikarai saria. Euskal Herriko giro nahasitik ihesi Bartzelonara doan Xabi Ugarte pertsonaiaren nondik norakoak ditu ardatz proiektuak, eta 'Faith' du behin-behineko izenburua.
Eskarmentuko idazlea da Lander Garro. Orain galdera berriak ditut (Txalaparta) ipuin bilduma izan zen bere lehen publikazioa, 2004an, eta beste bi eleberri ere baditu kalean, geroztik: Kontrarioa (2010, Susa) eta Gerra txikia (2014, Susa). Gidoigile ere aritua da Sautrela telebista saioan, eta bera da egunotan zenbait zinema aretotan ikus daitekeen intsumisioari buruzko 2 urte 4 hilabete dokumentalaren zuzendaria ere. Agustin Zubikarai saria ere jaso du orain, bere hurrengo nobela idatzi ahal izateko. Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen dute sariketa, eta 6.000 euroko laguntza eskaintzen die sortzaileei, urtebeteko epean lana amaitzeko baldintzapean. Faith du behin-behineko izenburua proiektuak, eta Xabi Ugarte izeneko pertsonaiaren nondik norakoak ditu ardatz. Idazlearen alter ego-a da protagonista, Elkar argitaletxeak bidalitako oharraren arabera, eta hark Bartzelonan pasatzen duen aldia kontatzen du eleberriak. Argazkilaritza ikastera joan da bertara, Euskal Herriko giro nahasitik eta Poliziaren jazarpenetik urrundu nahian. Oharraren arabera, idazkera «fresko eta sinesgarria» du lanak, eta «eguneroko bizitzaren taupadak idatziz jasotzeko abilezia», «gai jasoen eta xeheen arteko konbinazio egokia», eta «testuaren erritmoa» nabarmendu dizkiote eleberri asmoari. Sari banaketa, Ondarroan Guztira, 29 lan aurkeztu dira sariketara, eta horien artean Garroren proposamena aukeratu du Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osaturiko epaimahaiak. Urriaren 30ean egingo dute sari banaketa, Ondarroako Kofradia Zaharrean, Literatur Amuak izeneko jardunaldien barruan.
2020-10-23
https://www.berria.eus/albisteak/188712/ekonomiaren-errebotea-152koa-izan-da-hirugarren-hiruhilekoan.htm
Ekonomia
Ekonomiaren errebotea %15,2koa izan da hirugarren hiruhilekoan
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako barne produktu gordina nabarmen hazi da udan bigarren hiruhilekoarenaren aldean. 2019arekin alderatuta, BPGak %7,7 egin du atzera. «Datu onak» dira, Pedro Azpiazuren ustez.
Ekonomiaren errebotea %15,2koa izan da hirugarren hiruhilekoan. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako barne produktu gordina nabarmen hazi da udan bigarren hiruhilekoarenaren aldean. 2019arekin alderatuta, BPGak %7,7 egin du atzera. «Datu onak» dira, Pedro Azpiazuren ustez.
Uztailetik irailera artean jarduera ekonomikoa zenbateraino suspertu den erakusten dute gaur Eustat estatistika erakundeak aurreratutako datuek. Errebotea izan da, eta ez txikia, BPG barne produktu gordina aurreko hiru hilabeteetan baino %15,2 gehiago hazi baita Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Datu positiboa lehen hiruhilekoko -%4,7ko jaitsieraren eta bigarreneko -%16,4ko amiltzearen ondoren etorri da, eta, espero zitekeen alderaketa eginez gero, itxialdia ia erabatekoa izan zen apiriletik ekainerako hilabeteekin. Baina zenbaki gorriek hor jarraitzen dute. Urtearteko datuetan, 2019ari begira, oraindik ere atzeraldi sakonean dago ekonomia: iazko hirugarren hiruhilekoan baino %7,7 uzkurragoa da hiru lurraldeetako BPGa. Iazko urtearekin alderatuta, 2020ko hiruhileko guztiak joan dira gorrian. Lehen hiruhilekoko BPGa 2019ko epe berekoa baino %3,2 txikiagoa izan zen, pandemiak martxoaren erdia hartu zuelako. Bigarren hiruhilekoan, konfinamendurik gogorreneko hilabeteetan, ekonomia %19,5 uzkurtu zen 2019ko kopuruen aldean. Eta hirugarreneko -%7,7ak erakusten du oraindik urrun daudela krisi aurreko zenbakiak. Enplegua Eustaten aurrerapenaren arabera, aurreko hiruhilekotik, enpleguak %13,3ko hazkundea izan du hirugarren hiruhileko honetan, baina 2019ko epe beretik %6,5 jaitsi da enplegua, lanaldi osokoak diren lanpostuetan. Hala ere, Eustatek azaldu du Kontuen Europako Sistemak lanpostuen definiziotik kanpo uzten dituela aldi baterako erregulazioan dauden langileak. «Datu onak» Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburuaren iritziz, hazkundearen «datuak onak dira», aurrez iragarritakoak baino hobeak, baina, haren ustez, «pandemia kontrolatzea izango da egiaz gakoa». Jaurlaritzak irailean egindako aurreikuspenetan, uztailetik irailera urtearteko BPGa %11,9 jaitsiko zela iragarri zuen, eta jaitsiera hori lau puntu txikiagoa izan da (-%7,7). Hala ere, Azpiazuk adierazi du kopuru horiek aurrerapena direla, eta abendura arte itxaron beharko dela behin betiko datuak zeintzuk diren ikusteko. Enpleguan ere, Eustatek emandako datuak Jaurlaritzak aurreikusi baino hobeak izan dira, eta «jarduerarako itzulera nabarmena adierazten dute». 2019ko hirugarren hiruhilekoarekin alderatuta enplegua %9,2 jaitsiko zela uste zuen Jaurlaritzak, eta murrizketa %6,5 izan da. Datu positiboak azpimarratzeaz gain, Azpiazuren sailak zuhurtasun mezua ere eman du: «Orain, zalantza bat dago, bizi dugun kutsatzeen olatu berriak eta martxan jartzen diren mugaketek laugarren hiruhilekoan eraginik izango duten ala ez». Irailean egindako iragarpenean, Jaurlaritzak aurreratu zuen uste zuela ekonomiak %10,1eko jaitsierarekin itxiko duela 2020a. Iraileko termometroa Pedro Azpiazuren sailak gaur plazaratu du, hain zuzen, Euskal Ekonomiaren Termometroaren iraileko zenbakia. Ehun aldagaitik gora kontuan hartzen dituen adierazleak dio atzeraldian jarraitzen duela ekonomiak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Bost hilabetez jarraian gora eginagatik ere 150eko eskala batean 41,6an dago termometroa, hazkundea adierazten duen 50etik azpira. Termometroaren arabera, industriak susperraldirako urrats txikiak egiten jarraitzen du, eta sektorean bizi den giroa nabarmen hobetu da. Zerbitzuen multzoak ere irudi ona eman duela dio, baina joera horretatik kanpo utzi du turismoaren sektorea, hoteletan igarotako gauak eta aireportuetako bidaiari mugimenduak «oso txikiak» izan direlako. Enpleguan, berriz, jaitsiera moteldu egin da.
2020-10-23
https://www.berria.eus/albisteak/188713/biden-eta-trump-pandemiaz-eta-migrazioaz-aritu-dira-azken-eztabaidan.htm
Mundua
Biden eta Trump pandemiaz eta migrazioaz aritu dira azken eztabaidan
Bigarren eztabaida saioak ez du zerikusirik izan aurrekoarekin. Trumpek adierazi du COVID-19aren aurkako txertoa «iristear» dela, eta Bidenek migrazio politikak aldatzeko konpromisoa hartu du.
Biden eta Trump pandemiaz eta migrazioaz aritu dira azken eztabaidan. Bigarren eztabaida saioak ez du zerikusirik izan aurrekoarekin. Trumpek adierazi du COVID-19aren aurkako txertoa «iristear» dela, eta Bidenek migrazio politikak aldatzeko konpromisoa hartu du.
Joe Bidenek eta Donald Trumpek benetako eztabaida saio bat egin dute bart, AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidentea aukeratzeko hauteskundeak egin baino hamabi egun lehenago, aurreko saioko ikuskizuna alde batera utzita. Hautagai demokratak estu hartu du presidentea, leporatu dio koronabirusaren krisia oker kudeatu duela, eta sendo erantzun dio hark ustelkeria egotzi dionean. Trump ohi baino neurritsuago aritu da, eta zalapartarik gabe defendatu du bere burua. Eztabaida askoz ere bareagoa izan da, eta ez hautagaien borondatez soilik. Aurrekoa hain izan zen zakarra, arauak aldatu baitzituzten hurrengorako: gaikako txandetan, hautagai bakoitzak bi minutuko tartea izan du bere azalpenetarako, etenik gabe, bestearen mikrofonoa itzali egin baitute. Galde-erantzunetan, ordea, bizitu egin da eztabaida, eta Barack Obamaren presidenteorde ohia aurrekoan baino erosoago aritu da, nahiz eta ez den Trump bezain polemista. Kristen Welker izan da moderatzailea, NBC katearen berriemailea Etxe Zurian. AEBetako egungo krisiaren erantzukizuna egotzi dio Bidenek Trumpi. Koronabirusaren eraginez, 223.000 pertsona hil dira han. «Gizon honek berak esan zuen hau Pazkorako bukatuko zela, baina negu beltz baterantz goaz orain, eta ez dauka planik», adierazi du. Trumpentzat, Txinak du birusaren gaineko erantzukizuna, eta larritasuna kendu dio: «Kutsatzen direnen %99 osatu egiten dira». Esan du txertoa «prest» dagoela, eta aste gutxiren buruan izango direla erabiltzeko moduan. ACLU Ameriketako Askatasun Zibilen Batasunak aste honetan bertan esan du oraindik ez dituztela aurkitu mugan euren gurasoengandik bereizi dituzten 545 adingaberen senideak. Bidenek datu hori erabili du eztabaidan, eta esan du Trumpen migrazio politikak «kriminalak» direla. Presidenteak, berriz, defendatu du bere gobernuak «oso ondo» zaindu dituela adingabe horiek. Welker moderatzaileak Obamaren agintaldiko migrazio politikei buruz galdetu dio Bideni, eta esan dio bera presidenteorde zen garaian ez zutela migrazio erreformarik egin, eta inoiz baino pertsona gehiago deportatu zituztela. «Luze jo zuen gauzak ondo egin arte. Ni presidentea izango naiz, ez presidenteordea», adierazi du hark. Adierazi du gobernuan emango dituen lehen ehun egunetan migrazio politiken inguruko proposamen bat aurkeztuko duela Kongresuan, agiririk gabeko 11 milioi pertsonak «herritartasunerako bide bat» izan dezaten. Bi hautagaiek ustelkeria egotzi diote elkarri. Trumpek adierazi zuen Bidenek dirua jasotzen duela Txinatik, Errusiatik eta Ukrainatik. Hautagai demokratak gogor erantzun zion: «Zuk duzu dirua Txinan. Nik 22 urtetako errenta aitorpenak eman ditut, eta zuk, bakar bat ere ez. Zer duzu ezkutatzeko?». Izan ere, The New York Times egunkariak duela egun batzuk argitaratu zuen Trumpek banku kontu bat duela Txinan, eta 2013 eta 2015 artean 150.000 euro baino gehiago ordaindu zituela zergetan. Egunkari horrek berak azaldu zuen presidenteak AEBetan 645 euro ordaindu zituela zergetan 2016an eta 2017an.
2020-10-23
https://www.berria.eus/albisteak/188714/giroko-txirrindulariek-planto-egin-eta-etapa-murriztu-egin-da.htm
Kirola
Giroko txirrindulariek planto egin, eta etapa murriztu egin da
Txirrindulariak kexu azaldu dira gaurko etaparen luzeerarekin: 258 kilometro Morbengo eta Asti artean. Azkenean 100 kilometro laburragoa izango da, eta 150 kilometro izango ditu.
Giroko txirrindulariek planto egin, eta etapa murriztu egin da. Txirrindulariak kexu azaldu dira gaurko etaparen luzeerarekin: 258 kilometro Morbengo eta Asti artean. Azkenean 100 kilometro laburragoa izango da, eta 150 kilometro izango ditu.
Giroko txirrindulariek planto egin dute etapako irteeran. Atzo 207 kilometroko etapa izan zuten, eta tartean Stelvio igo behar izan zuten. Bada, gaur, oso eguraldi txarrarekin, 258 kilometroko etapa bat zuten aurrean, aurtengo luzeena, Morbengo eta Asti artean. Gianni Bugno txirrindulari ohia buru duen Nazioarteko Txirrindularien Elkarteak bultzatuta, txirrindulariek Mauro Vegni lasterketako zuzendariarekin hitz egin dute, eta azaldu diote baldintza horietan eta atzoko etaparen ostean ezin zela horren etapa luze bat jokatu, txirrindularien osasuna arriskuan jar zezekeela. Izan ere, asteartetik etapa guztiak izan dira 200 kilometrotik gorakoak. Eskaria aztertu du Giroaren antolakuntzak, eta onartu du etapa 100 kilometro moztea. Hala, txirrindulariek autobusez egin dituzte lehen kilometroak, adostutako irteera punturaino. Nazioarteko Txirrindularien Elkartea eskertuta azaldu da: "Lehentasuna osasunak izan behar du, are gehiago pandemia egoera honetan. Gaurko etapa murrizteak ez du ikuskizuna gutxituko. Oso eskertuta gaude". Lider aldaketa izan da Giroan. Wilco Kelderman (Sunweb) atera da gaur elastiko arrosarekin. Bestalde, Giroko antolakuntzak jakinarazi duenez, lasterketa utzi behar izan du Matteo Spreafico (Vini Zabu) txirrindulariak, dopinaren aurkako kontrolean "ezohiko emaitzak" emateagatik. Halaber, Astanako langile batek positibo eman du COVID-19an.
2020-10-23
https://www.berria.eus/albisteak/188715/eh-bilduk-babestu-egin-ditu-jaurlaritzak-covid-19aren-aurka-hartutako-neurriak.htm
Gizartea
EH Bilduk babestu egin ditu Jaurlaritzak COVID-19aren aurka hartutako neurriak
Neurri «irmoak» garaiz hartzeko eskatu dio Urkulluri, baita sektore kaltetuenei laguntzak emateko ere.
EH Bilduk babestu egin ditu Jaurlaritzak COVID-19aren aurka hartutako neurriak. Neurri «irmoak» garaiz hartzeko eskatu dio Urkulluri, baita sektore kaltetuenei laguntzak emateko ere.
«Eusko Jaurlaritzak azken egunetan eta azken orduetan hartutako neurriek EH Bilduren babesa dute, babes osoa». Argi mintzatu da Maddalen Iriarte, koalizio abertzalearen Eusko Legebiltzarreko bozeramailea, COVID-19aren aurka hartu berri dituzten neurri murriztaileez. Halere, Eusko Jaurlaritzari eskatu dio neurriak azkarrago hartzeko: «Orain arte ez da lortu birusaren aurretik joatea». Eusko Legebiltzarrean egindako prentsaurrekoan egin ditu adierazpen horiek. Iriartek neurri «irmoak» hartzeko eskatu dio Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariari. Izan ere, Iriarteren iritziz, ezin da ardura guztia herritarren gain utzi: «Zalantzarik gabe oso garrantzitsua da guztiok arduratsuak izatea, baina administrazioaren papera gakoa da». Eraginkortasuna lortze aldera, aztarnarien sarea indartu beharra azpimarratu du: «Hilabete asko pasatu dira esan genuenetik gutxienez 500 aztarnari behar direla». Gainera, Iriarteren hitzetan, gabeziak zuzenean erlazionatuta daude protokoloarekin, ez duelako bermatzen ahalik eta kontaktu gehien identifikatzea eta horiei probak egitea, ezta positibo direnak bakartzea ere. «Horrek ezin du egun bat gehiago ere horrela jarraitu». Eusko Jaurlaritzak hartu berri dituen neurrien gisakoak babesten jarraitzeko asmoa ere erakutsi du Iriartek: «EH Bilduk babestu egingo ditu herritarrak zaintzeko eta babesteko neurri guztiak, osasunari lehentasuna emanez, egoerak eskatzen duenaren mailan badaude eta hartu behar direnean hartzen badira». Baina neurriak hartzearekin batera, sektore kaltetuenei laguntzak eman behar zaizkiela uste du Iriartek, esaterako, ostalaritzari. Gainera, telelanera itzultzeko aukera aztertzeko eskatu du.
2020-10-23
https://www.berria.eus/albisteak/188716/altuna-eta-ezkurdia-laquoborondaterik-onenarekin-jokatu-dugu-ez-gara-erabiliak-izanraquo.htm
Kirola
Altuna eta Ezkurdia: «Borondaterik onenarekin jokatu dugu, ez gara erabiliak izan»
Ohar bat plazaratu dute Aspeko bi pilotariek. Aitortu dute badakitela Pilotarien Elkartearen aurkezpenak gaizki-ulertuak sortu dituela, baina gehitu dute azaldu zituzten helburuek indarrean jarraitzen dutela: «Pilotarien Elkartea guztion eskubideak borrokatzeko tresna egokiena dela uste dugu».
Altuna eta Ezkurdia: «Borondaterik onenarekin jokatu dugu, ez gara erabiliak izan». Ohar bat plazaratu dute Aspeko bi pilotariek. Aitortu dute badakitela Pilotarien Elkartearen aurkezpenak gaizki-ulertuak sortu dituela, baina gehitu dute azaldu zituzten helburuek indarrean jarraitzen dutela: «Pilotarien Elkartea guztion eskubideak borrokatzeko tresna egokiena dela uste dugu».
Pilotarien Elkartea sortu zuten astelehenean Altunak, Ezkurdiak, Olaizola II.ak eta Urrutikoetxeak, «pilota profesionalaren arazoari ahalik eta lasterrena irtenbidea bilatzen saiatzeko». Gainerakoei 48 ordu eman zizkieten bat egiteko, baina greban dauden pilotariek azkar eman zieten ezezkoa; haiek azaro amaierara arte greban daude. Jokin Altunak eta Joseba Ezkurdiak gaur erantzun diote azken egunetan «euren inguruan sortutako zalapartari». Argi utzi dute hasieratik borondaterik onenarekin jokatu dutela, eta inoiz ez direla erabiliak izan: «Esku pilotaren aferak hartu zuen norabidea ikusita, tartean sartzeko erabakia hartu genuen, gure ekarpenekin, bizitzen ari garen arazoek maila ezezagun batera ihes egin dutelako. Blokeatuta ikusten genituen Baikoren eta ELAren arteko negoziazioak». Azaldu dute horregatik iruditu zitzaiela egokiena Pilotarien Elkartea sortzea, buruhauste askoren ondoren: «Elkarte honen babespean greban dauden pilotariek dituzten aldarrikapen guztiak bideratzeko aukerarik aproposena zela iruditu zitzaigun». Jasotako kritikei dagokienez, aitortu dute astelehenean argitaratutako oharra ez zutela behar bezala azaldu, eta konturatu direla gaizki ulertuak eragin zituela. «Erantzunak 48 orduko epe laburrera murriztea ere ez zen egokia izan», gehitu dute. Hala ere, biek esan dute ez zutela inondik inora ere elkartearen buru izateko asmorik —hori izan da jaso duten kritiketako bat—, eta astelehenean ezarritako helburuek indarrean jarraitzen dutela: «Pilotarien Elkartea guztion eskubideengatik borrokatzeko tresnarik egokiena dela uste dugu, denak elkarrekin esku pilotaren etorkizuna lantzeko». Grebalariak, kritiko Hasiera-hasieratik elkartearekin «harrituta» azaldu ziren gainontzeko pilotariak, eta kritikatu egin zuten elkartea sortu zutenek hartutako jokabidea. Haien arabera, duela hilabete elkartea eratzeko proposamena egin zieten Olaizola II.ari eta Urrutikoetxeari, eta ezetz esan zieten. Mugimendu hori, gainera, greban dauden hamabost pilotariekin hitz egin gabe egin izana gaitzetsi zuten. Hala azaldu zuen Ibai Zabalak: «Ez dugu ulertzen, eta egunen batean azaldu beharko digute. Guk nahiko genukeena da, gauzak Whatsapp bidez egin beharrean, elkartu eta gauzak ondo azaltzea. Tolosan argi esan genuen gure helburua elkarte bat sortzea dela. Bide hori jorratu nahi dugu, baina oraindik ez dugu egin, gure enpresan arazo batzuk ditugulako konpontzeko. Uste genuen Aspekoekin batera elkarte hori sortu aurretik etxe barruko arazoak konpondu behar genituela. Ez dugu ulertzen ataka eta egoera estuan gauden momentu honetan horrelako elkarte bat sortzea guk auzitan ditugun arazoak konpontzeko, nola, eta grebalariak kontuan hartu gabe. Ez du ez zentzurik, ezta logikarik ere. Guk jakina sortu nahi dugula elkarte bat, eta horren parte izan, baina gauzak ondo, logikaz eta gardentasunez egiten direnean, eta uste dugu astelehenekoa ez zela egin ez logikaz, ezta gardentasunez ere».
2020-10-23
https://www.berria.eus/albisteak/188717/eaeko-herritarren-erdiek-uste-dute-kontrol-eta-bakartze-neurri-zorrotzagoak-hartuko-beharko-liratekeela.htm
Gizartea
EAEko herritarren erdiek uste dute kontrol eta bakartze neurri zorrotzagoak hartuko beharko liratekeela
Lehendakaritzak inkesta bat egin du COVID-19ak herritarren artean eragiten dituen iritzia eta jarrerak ikertzeko, eta, horren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren %30ek nahiko lukete txertoa «ahal bezain laster» jarri
EAEko herritarren erdiek uste dute kontrol eta bakartze neurri zorrotzagoak hartuko beharko liratekeela. Lehendakaritzak inkesta bat egin du COVID-19ak herritarren artean eragiten dituen iritzia eta jarrerak ikertzeko, eta, horren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren %30ek nahiko lukete txertoa «ahal bezain laster» jarri
Hau da galdera: «Kontrol eta isolamendu neurri zorrotzagoak hartu beharko lirateke, orain arte bezala jarrai dezakegu edo neurri arinagoak hartu beharko lirateke?». EAEko herritarren %48k erantzun dute neurri zorrotzagoak hartu beharko liratekeela, eta %45ek irizten diote orain arte bezala jarrai daitekeela. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrak, oro har, kezkatuta daude COVID-19aren hedapenarekin: horien %33, oso kezkatuta; eta %54, nahiko kezkatuta. Hori adierazten du Lehendakaritzaren Prospekzio Soziologikoen Kabineteak herritarren artean izurriak eragiten dituen iritziak eta jarrerak ikertzeko egindako inkestak. Lehendakaritzaren prentsa oharraren arabera, hori ontzeko 1.430 elkarrizketa egin zituzten, telefonoz, joan den urriaren 13aren eta 17aren artean. Elkarrizketatuen adin tarteari dagokionez, %34k 46 eta 64 urte artean dituzte; %28k, 65etik gora; %26k, 30etik 45era; eta %12k, 18tik 29era. Parte hartu dutenen artean, %48 dira gizonezkoak, eta %52 emakumezkoak. Guztien artean %46k dute ordaindutako lan bat. Zazpi ataletan banatu dute inkesta, eta horietako batek erreferentzia egiten dio birusaren aurkako txerto posibleari. Lehen galdera da ea jarriko luketen, «lortzen denean», osasun agintariek «eraginkor eta segurutzat» hartutako txertoa. Inkestatuen artean %30ek erantzun dute baietz, «ahal bezain laster» jarriko luketela. %47k, aldiz, jarriko lukete, «baina bakarrik beste jende askori jarri ondoren». Atal hauek jaso ditu inkestak. KEZKA Pandemiarekin lotutako etorkizunerako kezka nagusia osasuna da (%30), norberarena edo ingurukoena, baina izurriak ekonomian eta enpleguan ekarriko dituen ondorioak ere badira kezka iturri (%29), birusaren bilakaerari eta iraupenari buruzko ziurgabetasuna bezalaxe (%26). Ikerketan parte hartu dutenei galdetu diete gaixotuz gero ea zenbaterainoko larritasuna izango zukeen gaitzak haien osasunean. %37k uste dute ez ziela modu «oso larrian» eragingo, eta %28k, baietz, «nahiko larriki» eragingo ziela. Adin taldearen arabera aldatzen da pertzepzioa: inkestan parte hartu duten 30 eta 45 urte artekoen %52ri iruditzen zaie ez ziela era «oso larrian» eragingo; 46-64 urte dituztenak aintzat hartuta, ehuneko hori %33koa da. Izurria zer puntutan dagoen galdetuta, bestalde, herritarren %48k erantzun dute «okerrena» iristeke dagoela oraindik. OSASUN SISTEMAREN ERANTZUNA Osakidetzaren erantzunari dagokionez, ona izaten ari dela pentsatzen dute ikerketan elkarrizketatutakoek. Espainiako beste erkidegoetako osasun sistemena baino hobea izaten ari da EAEkoaren erantzuna, herritarren %62rentzat. Izurriarekin gaixotutakoei Osakidetzan emandako arretari dagokionez, puntuazioa 7,3koa da, 0tik 10erako eskalan. Puntuazio hori, ordea, apur bat jaisten da, 6,1era, herritarrei galdetzen zaienean zer-nolakoa den osasun agintariek herritarrei emandako informazio eta gomendioen «argitasuna». ERAKUNDEEN JARDUERA KRISIAREN KUDEAKETAN Inkestan parte hartu dutenei eskatu diete baloratzeko Eusko Jaurlaritza modu egokian ematen ari ote den pandemiak EAEn duen eraginari buruzko informazioa. 0 puntuazioa litzateke modu oso desegokian ematen ari dela, eta 10, berriz, modu oso egokian ari dela. Herritarrek 6,2ko nota jarri diote. Pandemia kudeatzeko orduan eskumenek, «nagusiki», norenak beharko luketen galdetuta, %75ek erantzun dute «elkarlanean» aritu beharko luketela Espainiako Gobernuak eta autonomia erkidegoetakoek. PANDEMIAREN AURKAKO NEURRIAK COVID-19arekin kutsatzeko arriskuarengatik, eta «laneko harremanak alde batera utzita», EAEko herritarren erdiak «lehen baino askoz ere jende gutxiagorekin egoten dira». Urruntze fisikoari dagokionez, %67k «pertsona guztiekin edo ia guztiekin» mantentzen dute —etxe berean bizi direnak ez dira kontuan hartzen— gomendatutako gutxieneko metro eta erdiko distantzia. Adin taldearen arabera, ehunekoa handituz doa. 46-64 urte dituztenen %71k mantentzen dute, eta 65 urtetik gorakoen %82k. Maskararen erabileraz galdetuta, elkarrizketatuen %76k erantzun dute aire zabalean, adibidez, «beti» erabiltzen dutela senide batekin edo lagun batekin elkartzen direnean. Norbera bizi ez den etxean senideekin edo lagunekin elkartzean, ordea, %41ek janzten dute. Herritarren jokabideaz galdetuta, herritarren %71ri iruditzen zaie EAEko herritar gehienak «gizalegez eta elkartasunez» jokatzen ari direla COVID-19aren kontrako neurriekiko. Ezarritako neurrien artean konfinamendua iruditzen zaie gogorrena, eta %40ri «nahikoa gogorra» egiten zaio maskara derrigorrez erabili behar izatea. ONDORIOAK EKONOMIAN ETA OHITURETAN Herritarrei galdetu diete nola eragin dien koronabirusaren krisiak haien egoera ekonomikoari. %61aren egoera «ez da aldatu»; urtebete barruko abagune posibleaz galdetuta, %47k erantzun dute ez dela aldatuko; %26rentzat «orain baino pixka bat okerragoa» izango da. Pandemiaren ondorioz etorkizunean aldatuko diren ohituren inguruan, %29k uste dute lan egiteko modua «asko» aldatuko dela, eta %27k irizten diote besteekin harremanetan jartzeko modua ere neurri berean aldatuko dela. TXERTOA Txertoa jarri nahi ez izateko arrazoien artean, %30ek intentzio hori dute iritzi diotelako txertoa ez dela «segurua» izango, eta %17k txertoaren ikerketak «denbora gehiago» behar duela pentsatzen dutelako. ZAINTZA LANAK PANDEMIA GARAIAN Pandemia garaian etxeko lanen eta zaintza lanen banaketan gizon eta emakumeen arteko desberdintasuna handitu ote den galdetu diete inkestan parte hartu dutenei, eta %25ek erantzun dute «handitu» egin dela; %52rentzat, «berdin» mantendu da. Eta, izurriaren aurretiko egoerarekin alderatuta, seme-alaben zaintza eta eguneroko beste jarduera batzuk bateratzea orain zailagoa da %47rentzat.
2020-10-23
https://www.berria.eus/albisteak/188718/libiako-gobernuak-eta-parlamentuak-su-eten-iraunkorra-adostu-dute-genevan.htm
Mundua
Libiako Gobernuak eta parlamentuak su-eten iraunkorra adostu dute Genevan
Sei urtean iraun du bi indarren arteko gerra zibilak. Stephanie Williams negoziazioen bitartekariak adierazi du akordio horrek «etorkizun baketsuagoa» eskainiko diela Libiako seme-alabei.
Libiako Gobernuak eta parlamentuak su-eten iraunkorra adostu dute Genevan. Sei urtean iraun du bi indarren arteko gerra zibilak. Stephanie Williams negoziazioen bitartekariak adierazi du akordio horrek «etorkizun baketsuagoa» eskainiko diela Libiako seme-alabei.
«Libiako historian arrastoa utziko duen» akordioa sinatu dute Libiako Ekintza Nazionaleko Gobernuak eta Tobrukeko Parlamentuak. Sei urtean herrialdean gerra zibila izan ostean, su-eten iraunkorra sinatu dute Genevan, bost eguneko negoziazioen ondoren. Nazio Batuen Erakundearen Libiari Laguntzeko Misioak bideratu ditu elkarrizketak, eta Stephanie Williams misioko buruak adierazi du bakea ekarriko duela Libiara: «Espero dut akordio honek Libiako herriaren sufrimendua amaitzea eta desplazatuak eta errefuxiatuak beren etxeetara bueltatzea ahalbidetzea, bakean eta salbu». Akordioa sinatu duten bi alderdiak «pozik» agertu dira hartutako erabakiarekin. Libiako Ekintza Nazionaleko Gobernuko ordezkari Ali Abushahma koronelak deia egin die armadako kideei, «akordioa bete dadin ziurtatzeko, eta armada berriz egituratzeko, Libiako segurtasunaren aurka egiten dutenei aurre egin diezaien». Tobrukeko Parlamentuko Amhimmid Mohammed Alamamik, berriz, adierazi du «gogobeteta» dagoela lortutako erabakiarekin. Sei urteko gatazkan, parez pare izan dira bai Akordio Nazionaleko Gobernua, zeinak NBEren onespena duen, eta bai Toburkeko Parlamentua, zeinak kontrolatzen duen lurraldearen zati handi bat.
2020-10-23
https://www.berria.eus/albisteak/188719/etxeratze-agindua-2100etatik-0600etara-izanen-da-iparraldean.htm
Gizartea
Etxeratze agindua 21:00etatik 06:00etara izanen da Iparraldean
Neurriak eta salbuespenak aurkeztu ditu Eric Spitz prefetak. Etxeratze agindua gaur gauetik aitzina ezarriko dute. Ostatuak itxiko dituzte, gutxienez hiru astez.
Etxeratze agindua 21:00etatik 06:00etara izanen da Iparraldean. Neurriak eta salbuespenak aurkeztu ditu Eric Spitz prefetak. Etxeratze agindua gaur gauetik aitzina ezarriko dute. Ostatuak itxiko dituzte, gutxienez hiru astez.
Jean Castex Frantziako lehen ministroak Ipar Euskal Herrian etxeratze agindua ezarriko dutela jakinarazi ondotik, gaur goizean mintzatu da Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefeta, urriaren 16ko Frantziako Gobernuaren dekretuak finkatutako erregimen berria departamenduan nola gauzatuko den azaltzeko. Ordubeteko agerraldi batean, lanak izan ditu neurri bakoitzak eta salbuespenak zehazteko. Aldaketa nagusia etxeratze agindua da. 21:00etatik 06:00etara bitartekoa izanen da: tarte horretan, herritar guziek etxean egon beharko dute, eta komertzioak itxiak izanen dira. Ahal bezainbat etxetik lan egiteko eskatu du prefetak. Hiru aste iraunen du printzipioz, baina gehiago luzatuko dela pentsa daiteke, Frantziako lehen ministroak sei asteko epea aipatu baitzuen atzo arratsean. «Legalki, ez da hiru aste baino gehiago izaten ahal, baina ministroak sei aste aipatu baditu, seguruenik zerbait badu buru gibelean». Seguruenik lege batekin arautuko dutela iragarri du. Tarte horretan, ostatuak egun osoan itxiak egonen dira hiru astez; jatetxeak irekiak izanen dira. «Zinezko menu bero bat proposatzeko gai direnak eta orain arte egiten zutenak baizik ez dira irekiak izanen», zehaztu du. Ez dute onartuko ez ixteko aitzakiapean ostatu bat janaria proposatzen hastea. «Ez da nehor jatetxeko nagusi inprobisatzen ahal egun batetik bestera. Lanbide bat da». Kontrolak izanen direla abisatu du. Jatetxeek 21:00etatik aitzina itxi beharko dituzte ateak, baina etxerako zerbitzua proposatzen ahalko dute hortik landa. Beste egitura andana batek ere itxia egon beharko da hiru astez: joko gelek, kasinoek, erakusketa gelek, kirol gelek... Hala ere, ikastetxeei, kirolari profesionalei eta interes orokorreko ekitaldiei (odol emateak, txerto kanpainak, janari banaketak...) harrera egiten ahalko diete. Unibertsitateek eta ikasleak hartzen dituzten beste egiturek erdira apaldu beharko dute beren harrera gaitasuna, eta kirol gertakarietan, 5.000 pertsonatik milara apalduko du gehienezko kopurua. Kultur arloko ekitaldiak antolatzen ahalko diren galdetuta, baietz erantzun du, betiere baldintzak errespetatzen badituzte. Hau da, mila pertsonako gehienezko kopurua, maskara etengabe jantzia izatea, eta pertsonen arteko distantzia bermatzea (gehienez ere sei pertsonako taldeak, eta pertsonako lau metro karratuko distantziarekin). Klubetako kirol jarduerei dagokienez, adingabeena baimendua da; helduena, debekatua. Kirol profesionalean, lehen hiru mailetako lehiaketak baimenduko dituzte gizonezkoentzat, eta lehen bi mailetakoak emakumezkoentzat. Frantziako Gobernuak martxoan ezarri zuen konfinamendu garaian bezala, etxeratze aginduarekin ere ziurtagiri berezi bat beharko da ordutegi mugatuan karrikara atera ahal izateko. Frantziako Barne Ministerioaren webgunean deskarga daiteke agiria. Salbuespenen artean aipatu dituzte, besteak beste, bizitegiaren eta lantokiaren arteko mugimenduak, osasun artatzeei eta familia zaintzari lotutakoak, distantzia luzeko bidaiak, baita etxe animalien beharrei lotutakoak ere. Araua errespetatzen ez duenak 135 euroko isuna izanen du; errepikatzen bada, 3750 eurorainokoa izan daiteke. Etxegabeak ez dira zigortuak izanen, «jadanik aski zigor da karrikan bizitzea», eta aterpe bat «proposatua» izanen zaie. Hamalau agerraldi Ipar Euskal Herrian Azken egunetan osasun egoera «okertu» dela azpimarratu du Eric Spitz prefetak; arrazoi horrek eraman du Frantziako Gobernua etxeratze aginduaren neurria hartzera. Pirinio Atlantikoetako departamenduko datuak eman ditu nagusiki. Intzidentzia tasa 100.000 pertsonako 254,11koa da; «aste bakarrean bikoiztu da», eta ospitaleetako egoera «ez da ona». Hamabost pertsona daude Baionako ospitalean, bat Donibane Lohizunen (Lapurdi), bi Donapaleun (Nafarroa Beherea). Sei pertsona daude Baionako suspertze unitatean. «Beste pertsona batzuk badaude suspertzean, beste arrazoi batzuengatik. Ez litzateke zenbakia gehiegi emendatu behar», adierazi du. Osasun sistema «egokitu» behar litzatekeela erran du, baina gaur-gaurkoz «elkartasunaren bidez» egokitzen ari dela. Besteak beste, ebakuntza batzuk dataz gibelatu direla adierazi du. Ipar Euskal Herrian hamalau agerraldi daudela jakinarazi du, kirol arloari lotuak gehienak. Errugbi klubak aipatu ditu bereziki, «horregatik erabaki nuen aldagelak ixtea». Prefetaren arabera ikastetxeetan «agerraldi andana» bazen, baina oporrekin apaldu dira. «Birusak ez ditu muga administratiboak errespetatzen», adierazi du: «Udan zein neguan, zirkulazio handia da». Suspertze unitatean diren gehienak «familia eremuan» kutsatuak izan direla nabarmendu du. «Etxeratze aginduaren helburua da familietan eta gaualdi pribatuetan kutsatzeak saihestea, betiere, mundu ekonomikoa errespetatuz». Enpresentzako laguntzak Murrizketa neurriak iragartzeaz gain, horiek konpentsatzeko laguntza ekonomikoak ere iragarri ditu Pirinio Atlantikoetako prefetak. «[Frantziako] Gobernuak neurri sendoak hartu ditu, egoeraren heinekoak». Enpresen zergak ordaintzeko epemugak gibelatuko dituzte, baita lur zergarenak ere. «Enpresen karguak ere gibelatuak izanen dira, eta urteko negozio zenbatekoaren %50eko apaltzea ukan dutenei dispentsa aplikatuko zaie». Orain arte, 1.500 euroko diru laguntza izan dute administratiboki itxiak izan diren enpresek. Orain, 10.000 euroraino emendatuko da. Langabezia partzialaren aukera luzatuko dute, baita estatuak bermatutako maileguak ere. Kulturarako, eta bereziki zinemarako ere, diru laguntza bereziak izanen dira.
2020-10-23
https://www.berria.eus/albisteak/188720/erresuma-batuak-eta-japoniak-merkataritza-akordio-bat-sinatu-dute.htm
Ekonomia
Erresuma Batuak eta Japoniak merkataritza akordio bat sinatu dute
Londresentzat, 'brexit'-aren osteko lehen merkataritza itun garrantzitsua da.
Erresuma Batuak eta Japoniak merkataritza akordio bat sinatu dute. Londresentzat, 'brexit'-aren osteko lehen merkataritza itun garrantzitsua da.
Erresuma Batuak Japoniarekin sinatu du brexit-aren osteko lehen merkataritza akordio garrantzitsua. Irailaren hasieran egin zuten ituna, eta gaur aurkeztu dute Liz Truss Erresuma Batuko Nazioarteko Merkataritzako ministroak eta Toshimitsu Motegi Japoniako Kanpo Harremanetarako ministroak, Tokion egindako agerraldi batean. Itun berriari esker, modu progresiboan ezabatuko dira auto japoniarren inportazioei jarritako muga zergak Erresuma Batuan, 2026rako erabat deuseztatu arte; automatikoki ezabatuko dira, halaber, tren makineriari eta manufakturari ezarritakoak ere. Gainera, Erresuma Batutik Japoniarako esportazioen %99k ez dute muga zergarik izango, gobernuaren arabera. Hala hitzartu zuten Europako Batasunak eta Japoniak 2018ko merkataritza libreko akordioan ere, haren kopia bat baita gaur sinatutakoa. Londresek dio, hala ere, itun haren aldean hitzarmen berriak onura gehiago emango dizkiela, besteak beste, teknologia, finantza zerbitzuak, eta elikadura nahiz sormen industria ere kontutan hartzen dituelako. Boris Johnsonen gobernuko kideak zehaztu du aliantzak 16.090 milioi euroko negozioa eragingo diola Londresi. «Erresuma Batua berriz ere merkataritzan nazio independente bihurtu zenetik adostutako lehen merkataritza libreko akordioa da», adierazi du Tussek, brexit-ari erreferentzia eginez. Eta azpimarratu du itunak gezurtatu egin dituela EBtik kanpo merkataritza akordiorik egitea ezinezkoa izango zela esaten zuten ohartarazpenak. «Oker zeudela erakutsi dugu, denbora errekorrean adostu baitugu».
2020-10-23
https://www.berria.eus/albisteak/188721/batasuna-eta-diziplina-soziala-eskatu-ditu-sanchezek.htm
Gizartea
«Batasuna eta diziplina soziala» eskatu ditu Sanchezek
Espainiako gobernuburuak esan du «hilabete latzak» datozela, baina pandemia gaindi daitekeela.
«Batasuna eta diziplina soziala» eskatu ditu Sanchezek. Espainiako gobernuburuak esan du «hilabete latzak» datozela, baina pandemia gaindi daitekeela.
«Behin egin genuen, eta berriro egingo dugu». Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezek aitortu du herritarrak «nekatuta» daudela pandemia gehiegi irauten ari delako, baina uste du mugimendua eta pertsonen arteko kontaktuak murriztea dela birusari aurre egiteko modu bakarra, eta horretan jarraitzeko deia egin du, «baturik, diziplina sozialez eta irabazteko grinaz». Lurraldeen Arteko Osasun Kontseiluan hartutako erabakiak aletu ditu Sanchezek. Esan duenez, lau arrisku maila ezarri dituzte: arrisku apala, ertaina, handia eta muturrekoa. Era berean, arrisku maila bakoitzari dagozkion neurriak, eta lurralde bakoitza zer mailatan dagoen erabakitzeko adierazle eta irizpideak ere zehaztu dituzte; adibidez, hamalau egunetan metatutako intzidentzia tasa –100.000 biztanleko 250 kutsatu baino gehiago egotea izango litzateke egoera oso larria dela adieraziko lukeen datua– eta okupatutako oheen kopurua –oheen %15 edo ZIUetako oheen %25 baino gehiago okupatuta egotea–. Irizpide horien arabera 4. alarma mailara edo «egoera oso larrira» iritsiz gero baino ez litzateke ezarriko alarma egoera. Sanchezek nabarmendu du hartu beharreko neurrien inguruko erabakia autonomia erkidegoei dagokiela, Espainiako Gobernuari jakinarazi ostean. Sanchezek esan du «hilabete latzak» datozela, baina ziur agertu da posible dela kutsatzeak geldiaraztea. Helburu zehatz bat ere finkatu du: metatutako intzidentzia tasa, Espainian gaur egun 348koa dena, 25era jaistea. Espainiako presidenteak uste du hori lortzeko «abantaila» batzuk badaudela, martxoko egoerarekin alderatuta: «Orain proba gehiago egiten ditugu, materialaren aldetik ere ez daukagu martxoan genuen eskasia, eta gehiago dakigu gaixotasuna kutsatzeko bideez».
2020-10-23
https://www.berria.eus/albisteak/188722/goia-jo-dute-positibo-kopuruak-ospitaleratuenak-eta-ziuetan-daudenenak.htm
Gizartea
Goia jo dute positibo kopuruak, ospitaleratuenak eta ZIUetan daudenenak
Bigarren olatuko daturik txarrenak izan dira gaurkoak. Beste 1.676 kasu atzeman dituzte Hegoaldean, eta ospitaleetako egoera ere okerrera doa: 708 lagun daude ospitaleratuta; horietako 112, ZIUetan.
Goia jo dute positibo kopuruak, ospitaleratuenak eta ZIUetan daudenenak. Bigarren olatuko daturik txarrenak izan dira gaurkoak. Beste 1.676 kasu atzeman dituzte Hegoaldean, eta ospitaleetako egoera ere okerrera doa: 708 lagun daude ospitaleratuta; horietako 112, ZIUetan.
Gero eta beltzagoa da Hegoaldeko datuek erakusten duten joera: goia jo dute positibo kopuruak, ospitaleratuenak eta ZIUetan daudenak. Hain zuzen, atzo beste 1.676 positibo atzeman zituzten, bigarren olatuko kopururik handiena. Eta horren eragina sumatzen ari dira ospitaleetan: 708 lagun daude ospitaleratuta; horietako 112, ZIUetan. Egoera ez da nolanahikoa. Nafarroa izan da orain arte kezka gehien eragin duen lurraldea, baina Gipuzkoaren bilakaera ere ez da batere ona. Bizkaian ere gero eta positibo gehiago daude, eta, itxuraz Arabako egoera hobea den arren, goranzko joeran dago. Atzo, Bizkaian atzeman zituzten kasurik gehienak (561), eta Gipuzkoan ere antzeko kasu kopurua izan zuten (545). Aldiz, jaitsiera nabarmena izan zuen Nafarroak, 469 kasu atzemanda, eta 87 positibo izan ziren Araban. Osakidetzak eta Osasunbideak 17.860 proba egin zituzten atzo; beraz, %9,4k eman zuten positibo. Ehunekoa dezente altuagoa da Nafarroan: lurralde horretan egindako proben %12,6k eman dute positibo. Ospitaleetako egoera ez da askoz hobea. Azken egunetako positibo kopuruaren igoera nabaritzen ari dira, eta 708 lagun ospitaleratu behar izan dituzte COVID-19ak jota, erdiak baino gehiago (369) Nafarroan. Orain arte, bigarren olatuan ez ziren hainbeste gaixo egon Hego Euskal Herriko ospitaleetan. Lehenengo olatuari begira jarrita, berriz, maiatzaren 7ra arte atzera egin behar da antzeko kopuru bat —754 izan ziren orduan— aurkitzeko. Gainera, larri dauden gaixoen kopurua ere etengabe hazten ari da. Guztira, 112 ZIUetan sartu behar izan dituzte, eta hori bigarren olatuko daturik txarrena da. Kasu horretan ere, maiatzaren 8ra arte —107 gaixo zeuden ZIUetan— jo behar da antzeko kopuru bat aurkitzeko. Nafarroako Gobernuak egunero berritzen du hildakoen datua, eta atzo beste bi hildako izan zirela iragarri du. Eusko Jaurlaritzak, berriz, asteko datua ematen du: urriaren 12tik 18ra 82 lagun hil ziren. «Oso kezkagarria» Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilari Santos Indurainek egungo egoeraren balorazioa egin du gaur. Haren hitzetan, «oso kezkagarria» da, eta osasun langileek esandakoari jaramon egiteko eskatu du: «Profesionalei ahalik eta baliabide gehien emateko momentua da, baita euren osasun gomendioak jarraitzekoa ere». Erkideagoak Espainiako Gobernuarekin bildu ziren atzo, eta bertatik «nahiko gustura» atera zela esan du Indurainek. Nafarroa arrisku maila gorenean legoke, baina, Indurainen arabera, indarrean sartu diren neurriak planean jasotakoak baino gogorragoak dira. Kontseilariaren ustez, neurriok «ez dira helburu bat, bitartekoa baizik». Hau da, erreminta bat dira kutsatzeen erritmoa geldotzeko eta ospitaleetako presioa arintzeko. Datozen egun eta asteetan egoera okertu egingo dela azaldu du.
2020-10-23
https://www.berria.eus/albisteak/188723/rosa-perez-esquerdo-izendatu-dute-osakidetzako-zuzendari.htm
Gizartea
Rosa Perez Esquerdo izendatu dute Osakidetzako zuzendari
Lehen arretako medikua izana da Bilbon, eta gerontologiari eta osasun kudeaketari buruzko ikasketak ere baditu.
Rosa Perez Esquerdo izendatu dute Osakidetzako zuzendari. Lehen arretako medikua izana da Bilbon, eta gerontologiari eta osasun kudeaketari buruzko ikasketak ere baditu.
Zuzendari nagusi berria du Osakidetzak: Rosa Perez Esquerdok gidatuko du osasun erakunde hori aurrerantzean, Osakidetzako administrazio kontseiluak gaur erabaki duenez. Barakaldon (Bizkaia) jaio zen Perez, 1969an; Medikuntza eta Kirurgiako lizentziaduna da EHUn, Familia eta Komunitate Medikuntzako espezialitatea du, eta gerontologia klinikoari buruzko master bat eta osasun kudeaketari buruzko beste bat dauzka. Bartzelonako eta Bilboko zenbait osasun etxetan egin du lan ibilbidea, baita irakaskuntzan ere, eta kudeaketan ere jardundakoa da, lehen arretan batik bat. COVID-19aren pandemia kudeatzea egokituko zaio, eta badu eskarmentua arlo horretan: Basurtuko (Bilbo) eskualde unitateko zuzendariorde medikoa izan da azken urtean. Jose Luis Diego Casals ordezkatuko du Perezek. 2018ko azaroan izendatu zuten hura, Osakidetzako oposizioetako irregulartasunek eragindako harrabotsaren erdian, Maria Jesus Mujikak dimititu eta gero. Mujikarekin egin zuen bezala, Diegoren lana ere eskertu du administrazio kontseiluak.
2020-10-23
https://www.berria.eus/albisteak/188724/etxeratzearen-aukera-aztertu-du-nafarroako-gobernuak.htm
Gizartea
Etxeratzearen aukera aztertu du Nafarroako Gobernuak
469 positibo atzeman dira azken 24 orduetan, egindako PCRen %12 inguru. Javier Remirez pozik azaldu da Nafarroako Auzitegi Nagusiak gobernuari arrazoi eman diolako eta atzo indarrean sartu zen 57/2020 foru araua berretsi duelako.
Etxeratzearen aukera aztertu du Nafarroako Gobernuak. 469 positibo atzeman dira azken 24 orduetan, egindako PCRen %12 inguru. Javier Remirez pozik azaldu da Nafarroako Auzitegi Nagusiak gobernuari arrazoi eman diolako eta atzo indarrean sartu zen 57/2020 foru araua berretsi duelako.
Nafarroako Gobernuak ez du baztertzen etxeratzeko agindua. Aipatu dute aukera hori, baina zerbitzu juridikoek ebatzi dute estatuaren eskumena dela. Javier Remirez presidenteordearen esanetan, «jarrera eraikitzailea dute», eta, aukera hori zabalik badago ere, Espainiako Gobernuari dagokio erabakitzea. Remirezen ustez, kutsagarritasunaren abiada murrizteko «neurri oro» hartzeko prest dira, eta ondorioztatu dute mugimenduen ondorioz eta espazio itxietan bilkurak eginda zabaltzen denez errazen koronabirusa, neurriek hor eragin behar duela. Nafarroako Gobernua pozik azaldu da Nafarroako Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietako epaileek arrazoi eman dietelako, atzo indarrean sartu zen foru arauaren edukia osorik berretsi dutelako. Dena den, bere autoan, auzitegiak argitu du hurrengoan gobernuak auzitegien baimena lortu beharko duela araua indarrean sartu aurretik. Halaber, behartu egingo du gobernua zazpi egunen buruan bilakaera epidemiologikoari buruzko txosten bat bidaltzera epaileei. Foru arauak gehenez sei laguneko bilerak baimentzen ditu, eta, aldiz, herritarrei gomendatu egiten die etxe bereko pertsonekin soilik egotea eremu pribatuan. Remirezek aitortu du zerbitzu juridikoek gomendatuta egin zutela hori. «Aztertu genuen bilkurak bizikidetza unitateetara soilik mugatzea, baina, zorroztasun juridikoz jokatuz, erabaki genuen ez zegoela gure eskumenen menpe hori», aitortu du. Asteburua iristear denez, Nafarroa barruan mugi daitekeela zehaztu du, baina herritarrei gomendatu die mugimenduok ahalik eta gehien mugatzea. Ipar Euskal Herriko muga zeharkatzerik badagoela esan du, nazioarteko irizpideen arabera jokatzen delako muga horretan eta, hortaz, Espainiako segurtasun indarren esku dagoelako zaintza. Remirezen arabera, herritarrek «arduraz» jokatu behar lukete, eta uste du «anekdotikoa» izango dela, adibidez, Lapurdira joatea ondoren Gipuzkoara igarotzeko. Eguneko datuak 3.717 proba egin dira azken 24 orduetan, eta horietatik %12 inguruk eman dute positibo. Ostegunean, beste marka txar bat gainditu ostean, behera egin dute kutsatzeek, baina kopuru handia da oraindik ere: 469. Kasuek batik bat behera egin dute Iruñean, atzo jakinarazitakoekin alderatuta 98 gutxiago izan baitira. Haatik, Nafarroa erdialdeko eta Erriberako hainbat herritan kasu kopuru handiak izan dituzte: Larragan eta Artaxoan, 18; Cadreita zein Murchante inguruan, 14; Cascanten, 14; eta Corella inguruan, 12. Santos Indurainek baieztatu du ez dutela baztertzen herri horiek ixtea. Gainera, azken 24 orduetan beste bi hildako izan dira. Ospitaleen gaineko presioa handitzen ari da. Uneotan 369 pertsona daude ospitaleetan, aurreko egunean baino 39 gehiago. Larrialdietan, berriz, 43 lagun daude COVID-19aren ondorioz. «Egoera oso kezkagarria da», Indurainen arabera. Osasun kontseilariak esan du ostegunean Espainiako Gobernuarekin erkidegoen arteko bilera izan zutela, eta arrisku mailaren arabera plangintza eta erantzunak aztertu zituztela. Aurreko egunetan komunikabideek baieztatu bezala, Nafarroa arrisku maila gorenean legoke, baina Indurainen arabera, indarrean sartu diren neurriak planean jasotakoak baino gogorragoak dira. Indurainen arabera, neurriok «ez dira helburu bat, bitartekoa baizik». Haren ustez, erreminta bat dira kutsatzeen erritmoa geldotzeko eta ospitaleetako presioa arintzeko. Datozen egun eta asteetan egoera okertuko dela azaldu du. Zahar etxeetan, hobera Ez da dena ezkor. Sektorerik hauskorrena zahar etxeetako egoiliarrak izan dira, eta bigarren olatu honek ere eragin die adineko egoitzei. Dena den, azken egunetan sendagiri ugari izan direnez, 111 kasu daude uneotan; iragan astean baino 58 gutxiago, alegia. Uztailaren 1etik 43 egoiliar hil dira. Aldiz, menpekotasun zentroetan positiboek gora egin dute, eta uneotan 30 daude. Martxotik zahar etxeek izan dituzten diru sarreren jaitsiera eta gastu igoera konpentsatzeko, Nafarroako Gobernuak 3,5 milioi euroko diru poltsa bat sortu du. Diru hori gobernuarekin hitzarmena duten 42 zentroen artean banatuko dute: lehen ordainketa, martxotik maiatzera arteko datuei dagokiena, 1,7 milioi eurokoa izango da. Ondorengo hilabeteetako gastuena, ondorengo bi hiruhilekoetan kontuen likidazioa aurkeztean banatuko dute.
2020-10-23
https://www.berria.eus/albisteak/188725/trenasa-ixtea-onartezina-dela-esan-du-aierdik-eta-azkeneraino-borrokatuko-dela-eragozteko.htm
Ekonomia
Trenasa ixtea «onartezina» dela esan du Aierdik, eta «azkeneraino» borrokatuko dela eragozteko
Castejongo planta ez ixteko eskatu dio CAFi, eta neurri gogorrak hartzekotan planta guztietan banatu ditzala.
Trenasa ixtea «onartezina» dela esan du Aierdik, eta «azkeneraino» borrokatuko dela eragozteko. Castejongo planta ez ixteko eskatu dio CAFi, eta neurri gogorrak hartzekotan planta guztietan banatu ditzala.
Manu Aierdi Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Enpresa Garapeneko kontseilariak kritika zorrotza egin dio CAFi Trenasa ixteko asmoaren harira. Castejongo lantegia «onartezina» dela esan du parlamentuan, eta eskaera zuzena egin dio tren ekoizleari: «Lankarga apaldu zaiola erakutsi badezake, uler daiteke enpresak erabaki batzuk hartzea, baina ezin dugu onartu erabaki horiek modu proportzionalean ez banatzea bere planta guztietan». Trenasa ixteko asmoa gauzatuko balute, 110 langile kaleratuko lituzkete. Kontsulta garaia hilaren 31n bukatuko da, eta datorren asterako hiru bilera daude hitzartuta enpresako buruen eta langile batzordearen artean. Parlamentuan eman ditu azalpenak kontseilariak, eta gobernua lanean ari dela nabarmendu du. «Partida jokatzen ari gara, eta zeresana duten eragile guztiekin hitz egiten ari gara». Eragile guztiak zerrendatu ditu: enpresa «modu nabarmenean», Eusko Jaurlaritza, Espainiak Industria Ministerioa eta Renfe. Erakunde publikoak izendatu ditu, Aierdiren arabera Trenasak 2,5 milioi euroko diru laguntza publikoak jaso baititu: 1,8 milioi 2010aren aurretik; 373.000 euro 2010. eta 2011. urteetan; eta beste guztia, 300.000 euro inguru, hurrengo urteetan. Aierdik azaldu du Sodena elkarte publikoak parte hartzea izan duela Vectia eta Solarisen. Sedena 2016an sartu zen Vectian, enpresaren %30 hartuz, eta beste guztia CAFen esku utziz. 2018an, bien artean kapitala handitzea erabaki zuten, eta urte hartako ekainean CAFek Solaris autobus etxe poloniarra erosi zuen; hark xurgatu zuen Vectia. Horren ondoren, eta Vectian jarritako diruaren truke, Sodenak Solarisen jabetzaren %2,8 jaso zuen, eta 2025eko abendura arte akziodunen artean mantentzea adostu zuten. Aierdik CAFekin izandako negoziazio haien xehetasun gehiago eman ditu. CAFek eta gobernuak adostu zuten Nafarroa izango zela lehentasuna Solarisek Poloniatik kanpo ibilgailu elektrikoak ekoitziko balitu. Era berean, adostu zuten Trenasa izango zela Vectia plataformaren hornitzaile nagusia, baita Poloniatik kanpo garapenean egiten zen edozein inbertsiotarako ere. Dena, baina, ez zen akordioa izan, eta 2019an lehen «desadostasunak» hasi ziren bi zatien aldean, autobusak Polonian edo Castejonen eraikitzearen kostuen artean alde handia zegoelako». Neurri zuzentzaileak hartzeko modua bazegoela nabarmendu du Aierdik, baina analisi horrekin ez jarraitzea erabaki zuela, «ez zelako une egokia».
2020-10-23
https://www.berria.eus/albisteak/188726/roberto-gonzalez-de-vintildeaspre-eta-miriam-urkia-euskaltzaindiko-zuzendaritzakide-berriak.htm
Gizartea
Roberto Gonzalez de Viñaspre eta Miriam Urkia, Euskaltzaindiko zuzendaritzakide berriak
Xarles Bidegainek eta Xabier Kintanak utzi eginen dute zuzendaritza taldea, eta taldean jarraituko dute Andres Urrutiak —euskaltzainburu gisa—, Jean-Baptiste Coyosek —buruorde—, Adolfo Arejitak —idazkari— eta Sagrario Alemanek —Jagon sailburua—.
Roberto Gonzalez de Viñaspre eta Miriam Urkia, Euskaltzaindiko zuzendaritzakide berriak. Xarles Bidegainek eta Xabier Kintanak utzi eginen dute zuzendaritza taldea, eta taldean jarraituko dute Andres Urrutiak —euskaltzainburu gisa—, Jean-Baptiste Coyosek —buruorde—, Adolfo Arejitak —idazkari— eta Sagrario Alemanek —Jagon sailburua—.
Euskaltzaindiak datozen lau urteetarako zuzendaritza taldea berritu du gaur, Donostiako Luis Villasante Euskararen Ikergunean egindako osoko bilkuran. Orain arte bezala, Andres Urrutia izanen da euskaltzainburua. Jean-Baptiste Coyosek, Adolfo Arejitak eta Sagrario Alemanek ere segituko dute zuzendaritza taldean, baina beste ardura postu batzuk hartuko dituzte: Coyos buruorde izendatu dute —Jagon saileko burua zen—; Arejita, idazkari —Iker saileko burua zen—; eta Aleman, Jagon sailaren buru —diruzaina izan da orain arte—. Bi kide berri izanen ditu zuzendaritzak: Miriam Urkia —Iker saileko burua izanen da— eta Roberto Gonzalez de Viñaspre —diruzain izendatu dute—; biak euskaltzain oso dira 2018tik. Xarles Bidegainek eta Xabier Kintanak utzi eginen dute zuzendaritza. Euskaltzaindiak nabarmendu du «euskararen lurralde guztiak» hartuko dituela zuzendaritza berriak. Lau gizonek eta bi emakumek osatuko dute taldea —orain arte emakume bakarra zegoen—. Euskaltzain osoak dira guztiak. Kide berriak Roberto Gonzalez de Viñaspre Bilbon jaio zen, 1961ean. Bilbotarra da jaiotzez, baina Trebiñun (Araba) bizi izan da gaztetatik. Euskal Filologiako lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatean, eta Eusko Jaurlaritzako funtzionarioa, hizkuntzaren normalizazioaren alorrean. 2015ean euskaltzain urgazle izendatua, Euskaltzaindiaren Arabako ordezkaria da. 2018an euskaltzain oso izendatu zuten, eta Onomastika Batzordearen buru. Arabako toponimia historikoa da gehien landu duen ikerketa esparrua, eta arreta bereziarekin aztertu du Trebiñukoa. Aurrerantzean, akademiaren diruzaina izanen da. Miriam Urkia Gonzalez Aretxabaletan jaio zen (Gipuzkoa), 1965ean. Euskal Filologiako doktorea da, eta lexikografia, corpusgintza, morfologia konputazionala eta hizkuntza eknologiak dira haren lan esparruak. UZEIko langilea da 1983tik, eta Lexikografia saileko zuzendaria da 1992tik; teknologiei lotutako lan lexikografikoetan ez ezik, bereziki Euskaltzaindiari lotutako lanetan dihardu. Hiztegi Batuko lantaldeko kide da 1999tik, eta Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arduradun 2013tik. Euskaltzain urgazlea da 2003tik, eta Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkaria 2017tik. 2018an euskaltzain oso izendatu zuten. Aurrerantzean, Iker sailaren ardura hartuko du.
2020-10-23
https://www.berria.eus/albisteak/188727/alarma-egoera-ezartzeko-eskatu-du-txibitek-ere.htm
Gizartea
Alarma egoera ezartzeko eskatu du Txibitek ere
Urkulluk eskaera ofiziala egin dio Espainiako Gobernuari, bi arrazoi aipatuta: egoera okerrera doala eta neurri gehiago behar direla, baina Jaurlaritza mugatuta dagoela neurriak hartzeko. Jaurlaritzaren atzetik, Nafarroako Gobernuak egin du eskaera bera. Alarma egoera ezarrita ere, agintea erkidegoek izatea eskatu dute Urkulluk eta Txibitek.
Alarma egoera ezartzeko eskatu du Txibitek ere. Urkulluk eskaera ofiziala egin dio Espainiako Gobernuari, bi arrazoi aipatuta: egoera okerrera doala eta neurri gehiago behar direla, baina Jaurlaritza mugatuta dagoela neurriak hartzeko. Jaurlaritzaren atzetik, Nafarroako Gobernuak egin du eskaera bera. Alarma egoera ezarrita ere, agintea erkidegoek izatea eskatu dute Urkulluk eta Txibitek.
Alarma egoera ezartzeko eskaera egin diote Hego Euskal Herriko bi gobernuek Espainiako Gobernuari. Eusko Jaurlaritzak arratsalde hasieran bidali dio eskaera Pedro Sanchez presidenteari, alarma egoera ezarri eta horren bidez aukera eman dezan koronabirusaren aurkako neurri irmoagoak ezartzeko. Iñigo Urkullu lehendakariak agerraldia egin du, eta bi arrazoibide eman ditu: batetik, egoera okertzen ari dela eta neurri gehiago hartu beharra dagoela; bestetik, Jaurlaritzak lege aldetik arazoak dituela neurrietan urrats gehiago egiteko. Urkulluren ondoren, beste erkidego batzuek ere egin diote eskaera bera Espainiako Gobernuari, eta iluntzean Nafarroako Gobernuaren eskaera iritsi da: alarma egoera ezartzea galdegin dio Maria Txibite lehendakariak. Udaberrian alarma egoera ezarri zutenean, Espainiako Gobernuak bere gain hartu zuen agintea. Oraingoan, ordea, erkidegoen eskumenak errespetatzeko eskaera egin du Urkulluk: alarma egoera ezarri bai, beste neurri batzuetarako atea ireki bai, baina Madrilek ez bereganatzea agintea. Txibite lehendakariak gisa bereko eskaera egin dio Sanchezi: alarma egoera Nafarroak berak kudeatzea. Erkidegoen eskaerak jasota, Espainiako Gobernuaren esku geratu da erabakia hartzea. Sanchez presidenteak astelehenerako deitu ditu bilera batera erkidegoetako presidenteak. Alarma egoera ezartzeko erabakia Ministroen Kontseiluak hartu behar du —astearteetan egiten du asteko bilera, baina ezohiko bilerak ere egin izan ditu halako egoeretan—, eta ondoren Espainiako Kongresuak berretsi behar du. Gogoan izatekoa da atzo EAEko Auzitegi Nagusiak ez ziola Jaurlaritzari baimenik eman jende topaketak sei pertsonara mugatzeko, uste baitu oinarrizko eskubideak urratzen dituela eta ez duela legezko oinarririk. «Atzo arte, uste genuen bagenuela nahikoa eskumen», esan du Urkulluk. Auzitegiaren erabakia kontuan hartuta, sei lagun baino gehiago ez biltzea «gomendioa» da orain, ez araua. Nafarroak berak ere «gomendioa» eman du elkarrekin bizi ez direnak ez biltzeko, nahiz eta hasieran Txibite presidenteak betebehar gisa aurkeztu zuen neurria. Alarma egoerak bide emango luke horrelako neurriak agindu gisa ezartzeko. Urkulluk, adibidez, azaldu du asmoa duela jende kopurua ez ezik gaueko jarduera ere mugatzeko: «Ez zait gustatzen etxeratze agindua esatea, baina bai jarduera mugatzea, salbuespenak salbuespen: lanera gauez joaten direnak, larrialdiak eta familiako bisitak, besteak beste». Konfinamenduetarako bidea ere irekiko luke alarma egoera ezartzeak. Jaurlaritza asteotan uzkur agertu da neurri horrekin, dudan jarri du bide eraginkorra ote den, baina Urkulluk atea zabalik utzi du: «tokian-tokian» neurri zorrotzagoak ezartzea aipatu du, konfinamendua bera baztertu gabe. «Horraino irits gaitezke, baina ez da gure asmoa, ez da gure borondatea». Alarma egoerarekin zer gertatuko den zain, indarrean dira aste honetan aurkeztutako gainerako neurriak. Eusko Jaurlaritzak gaur argitaratu du atzo iragarritako dekretua; besteak beste, koronabirusaren intzidentzia tasa handia duten 25 udalerritan mugatu egin du tabernen jarduna, eta 21:00etarako itxi beharko dituzte ateak. Gainerako herrietan ere badira neurri murriztaileak: itxita egon beharko dute elkarteek, eta erdira jaitsi dute tabernetako edukiera. Nafarroan, berriz, debekatuta dago herrialdetik irtetea edo herrialdera sartzea, ezinbesteko arrazoiak tarteko ez badira, eta erabat itxita dago ostalaritza, herri guztietan. Jarduera oro 21:00etarako bukatu behar da: ordu horretatik aurrera ezin da ekitaldirik egin, eta dendek itxita egon behar dute.
2020-10-24
https://www.berria.eus/albisteak/188728/ibarrolaren-unibertso-artistikoak-bete-du-bilboko-rekalde-aretoa.htm
Kultura
Ibarrolaren unibertso artistikoak bete du Bilboko Rekalde aretoa
Agustin Ibarrola sortzailearen azken lau hamarkadetako 70 lan inguru biltzen ditu 'Agustin Ibarrola, naturalki' erakusketak, eta Jose Ibarrola seme eta artistak egin ditu komisario lanak
Ibarrolaren unibertso artistikoak bete du Bilboko Rekalde aretoa. Agustin Ibarrola sortzailearen azken lau hamarkadetako 70 lan inguru biltzen ditu 'Agustin Ibarrola, naturalki' erakusketak, eta Jose Ibarrola seme eta artistak egin ditu komisario lanak
«Haren lana oximoron plastiko bat da. Alde batetik, oso sortzaile espresionista da, keinu oso askekoa, eta, beste aldetik, aldi berean, oso arrazionalista ere bada, eta bi joera horien uztartzeak egiten du berezi haren lana». Kontraesan moduko horretan dago Agustin Ibarrola artistaren muina, Jose Ibarrola artista, seme eta, orain, komisarioaren hitzetan. Berak aukeratu eta antolatu ditu Bilboko Rekalde aretoan aitaren azken 40 urteotako ibilbidea biltzen duen erakusketako lanak. Agustin Ibarrola, naturalki izendatu du 70 artelan baino gehiagoko bilduma, eta uztailaren 4ra arte egongo da ikusgai. Artistaren alderik ezagunenekin batera, haren alde ezezagunagoak ere erakustea izan du helburu, eta horregatik jarri ditu publikoaren bistara, amaitutako hamaika lanekin batera, Ibarrolaren egitekoaren berri ematen duten zirriborro, maketa eta esperimentuak ere. Rekalde areto osoa hartzen du alderik alde bildumak, kalera ematen duen erakusleihotik hasi, sarrerako espazioan segi, eta barruko azken aretoraino. Eta kaletik egindako begiratuarekin hasten da ibilbidea, komisarioak azaldu duenez. Kristaletik barrurantz begiratuta ere, lau baso topatuko ditu ikusleak begi kolpe bakarrean. «Baso pilaketa bat». Totem itxurako margotutako zutabe multzo bat ikusiko du lehenik erakusleihotik gertuen, eta hori izango da lehen basoa. Margotutako adarrez osatutako eskultura bat igarriko du haren atzean, gero. Bigarren basoa. Omako basoaren argazki bat ere topatuko du ondoren, sarrera guneko hormetako bat ia osorik hartzen, eta, azkenik, punturik urrunenean topatuko du laugarrena. Artistak duela lau urte inguru etxe alboko sasietako hostoetan pintura urdinez margotutako zirkulu baten argazkia da azken hori, eta, hain zuzen ere, irudi horrekin abiatuko du bisitariak barruko aretoetako ibilbidea. Artistaren azken lanetako batekin. Lau material Egurra, papera, harria eta altzairua. Lau material horien arabera ordenatu ditu komisarioak erakusketako barruko aretoak, baina, aitortu duenez, ez da irizpide estua, eta kronologiaren arauei izkin egin ahal izateko baliatu du, batez ere. «Ez da erakusketa antologikoa, ez kronologikoa, ez eta zehazki tematikoa ere. Galdera jakin bati erantzuten saiatzen den erakusketa bat da hau: Zergatik margotu zituen Llanesko kuboak, edo Arteagako harriak... Eta zergati horren bilaketak eraman nau haren azken urteetako ibilbidearen alderik funtsezkoenak erakusten dituen erakusketa hau antolatzera». Naturan egindako lanak dira bildumaren ardatzetako bat, baina ez da naturan egindako lanen hautaketa bat ere. Naturan margotzera egindako jauzi hori askoz ere lehenagotik datorrela erakutsi nahi izan du komisarioak erakusketarako egindako hautaketarekin. Lehen aretoetako batean, adibidez, horregatik jarri ditu parez pare koadro koloretsu abstraktuak eta adarrak metatuz sortutako eskulturak, artelan bakoitza zein garaitakoa den kontuan hartu gabe, logika paretsuak sortu dituelako guztiak. Adarren pare kiribiltzen dira elkarren gainean kolore masak oihaletan, eta margolan bateko lerro abstraktuak balira bezain garbi ebakitzen dute adarrek espazioa eskulturetan. Harrien adierazkortasuna Bidegurutze horretan jarri nahi izan du arreta komisarioak, eta bazterrean utzi ditu, horregatik, Ibarrolak bere lehen urteetan sortutako figurazio lanak, adibidez. Beraz, bisitariak ez du langile mundua eta Poliziaren bortizkeria erakusten duten litografia ezagunik topatuko bilduman. Nagusiki, Grupo 57 izeneko taldearekin lanean hasi zenetik aurrerakoak dira komisarioak hautatu dituenak. Haren ustez, talde hura baita giltzarria artistak gero naturara eramango zuen lengoaia ulertzeko. Besteak beste, Jorge Oteiza, Angel Duarte, Jose Duarte, Juan Serrano eta Luis Aguilera artistekin batera, orduan hartutako ikuspuntu arrazionalista, abstraktu eta geometrikoa da gero zuhaitz, harri zein hostoen logika bihurriarekin uztartuko duena. «Omako basora iristen denean, Ibarrola ez da han agertzen den eta bat-batean besterik gabe pintatzen hasten den iratxo bat, ez; askoz ere lehenagotik hasten den lan sistema baten emaitza da hori». Grupo 57 sortu zen garaian, informalismoa zen munduan indar betean zen joera artistikoa, komisarioaren hitzetan, eta, hari aurka egiteko, arrazionalismoan oinarritutako programa bat proposatu zuen taldeak. «Ibarrolak uste zuen arrazionaltasunean oinarritutako programa hura edozeri aplika zekiokeela, eta ideia horri jarraika heldu zen naturara, eta han topatu zuen, hain zuzen ere, bilatzen ez zuen hori: espresibotasuna». Kaosa eta ordena Erakusketako laugarren aretoan ikusten da hori argien. Harriari eskainitako atalean. Margotutako harri sorta bat ikusiko du bertan bisitariak areto erdialdeko mahaiko bitrinan, eta Gautegiz Arteaga eta Ereño inguruko basoetan (Bizkaia) egindako esku hartzeen diapositibak ere ikus daitezke hormetan. «Hori jadanik ez da existitzen», azaldu du komisarioak. Desagertuz joan baitira denborarekin. 1990ko hamarkada inguruan egindakoak dira argazkietako irudiak. Denak harri gainean. «Sute bat izan zen, eta erre egin ziren hango arte guztiak. Orduan azaldu ziren harri horiek denak, eta han joan zen aita, ingurua oraindik ia ketan zegoenean». Badira harri gainean armiarma sareak irudikatzen dituzten marrazkiak, adibidez, baina haitz erabat erregular horietako batzuen gainean zehatz marraztutako koadrikula ezinago zuzen batek erakusten du argien komisarioak aipatutako arrazionalismoaren eta espresionismoaren arteko ezkontza. Ibarrolaren «zintzotasuna» ere nabarmendu du seme eta komisarioak erakusketan egindako bisitan. «Beti eman zuen bere iritzia, egoera edozein zela ere». Eta, haren hitzetan, horregatik amaitu zuen kartzelan frankismo betean, eta horregatik beragatik jasan zituen gerora ETAren mehatxuak ere. Omako bere etxean egonagatik ere, 2000. urtetik 2012. urtera eskoltarekin bizi behar izan zuela ere gogoratu du semeak, adibidez. Edonola ere, pertsonaia publikoaren gainetik, artista da berak erakusketarekin aldarrikatu nahi duena. «Hain zuzen ere, urterik zailenetan egindako obra da bere ibilbideko lanik bitalista eta koloretsuena». Pintatzeko keinua, goizero Urteak eman dituzte erakusketa prestatzen. 2016an hasi ziren Ibarrolari eskainitako erakusketari bueltaka. Jose Ibarrolak erakusketa bat ireki zuen aretoan urte harten, bere lanekin, eta orduan jaso zuen bere aitari omenaldi bat egiten saiatzeko proposamena. «Ohartu ginen eskaini zitzaion azken erakusketa garrantzitsua 1990eko hamarkadakoa zela, eta, horregatik, 30 urte pasatu ostean, beste erakusketa garrantzitsu bat egiteko momentua zela pentsatu genuen». Berez, artistak 90 urte beteko zituen egunerako zuten pentsatua erakusketaren irekiera, uztailerako, baina, koronabirusaren eraginez, atzeratu egin behar izan dute data hori, azkenean. Semeak kontatu duenez, oraindik ere, goizero egiten du artistak pintatzen saiatzeko keinua, baina, azaldu duenez, «nahasia» du burua, eta, tarteka, ez da gai bere koadroak errekonozitzeko.
2020-10-23
https://www.berria.eus/albisteak/188729/asteartean-bozkatuko-dituzte-pentsioen-erreformarako-gomendioak.htm
Ekonomia
Asteartean bozkatuko dituzte pentsioen erreformarako gomendioak
Espainiako Toledoko Ituneko taldeek adostu dute pentsioak KPIa oinarri izan duen indize baten arabera eguneratzea. Lan bizitza luzatzea babestu dute, baina salbuespenak eskatu dituzte erretiro aurreratuak zigortzeko orduan. Eta finantzaketa publikoa argitzea nahi dute, pentsioen sistemari berez ez dagozkion gastuak kentzeko.
Asteartean bozkatuko dituzte pentsioen erreformarako gomendioak. Espainiako Toledoko Ituneko taldeek adostu dute pentsioak KPIa oinarri izan duen indize baten arabera eguneratzea. Lan bizitza luzatzea babestu dute, baina salbuespenak eskatu dituzte erretiro aurreratuak zigortzeko orduan. Eta finantzaketa publikoa argitzea nahi dute, pentsioen sistemari berez ez dagozkion gastuak kentzeko.
Lanak hasi eta bost urte geroago, pentsioen erreforma burutzeko gomendioak adostu ditu Toledoko Itunaren batzordeak. Datorren asteartean bozkatuko dute txostena Espainiako Kongresuan. Lantaldean parte hartu duten legebiltzar taldeek hitzartu dute sistemaren izaera publikoari eustea eta indartzea. Guztira 20 puntu inguru ditu txostenak. Pentsioen eguneratze eta erretiro adinak Puntu zehatzei dagokienez, KPIa kontuan izango duen indize berri bat sortzeko eskatu dute —gobernuaren esku utzi dute hori zehaztea—, eta Mariano Rajoyren gobernuak (PP) ezarritakoa bertan behera uzteko (%0,25eko igoera, defizita dagoen urteetan). KPItik gorako igoera oro kotizazioekin ez ezik beste baliabide batzuekin ere finantzatzea proposatu dute. PPren gobernuak erretiro adina luzatzeko hartu zuen erabakia babestu dute (65 urte eta 67 urte 2027an), baina eskatu dute, besteak beste, pentsioa kalkulatzeko orduan kontuan hartzeko 25 urtean egindako kotizaziorik onenak eta ez azken 25 urteetakoak —gutxieneko kotizazio epea: 15 urte—. Horrek sorraraziko lukeen gastua konpentsatzeko, erretiroa hartzeko benetako adina legezko adinera gehien hurbiltzeko neurriak proposatu dituzte, besteak beste, pizgarrien bidez; ontzat jotzen da, halaber, pentsioa eta soldata bateragarri egiteko aukera, eta erretiro aurreratuak gehiago zigortzea planteatzen da. Bigarren proposamen horrekin loturik, baina, gobernuari eskatuko diote azter dezala zein kolektibo salbuets daitekeen zigor horietatik, erretiro aurreratuen inguruabarrak eta kotizazio karreren hedapena aztertuz, pentsiodun batzuek galera handia izan baitezakete. Pentsio sistema osagarriei dagokienez, negoziazio kolektiboetan jasotako planak eta irabazi asmorik gabekoak lehenesteko eskatu dute. Horrez gain, soldata apalenak eta karrera profesional ahulenak babesteko formula espezifikoak galdegin dituzte. Eta gardentasun handiagoa aurrezki planetan. Sistemaren finantzaketa Finantzaketaren oinarrizko iturria kotizazioak izatea berretsi dute, baina iraunkorra eta nahikoa dela ziurtatzeko, beste baliabide batzuk bilatzea proposatu dute, zergen bidez. Batzordeak, halaber, eskatu du 2023a baino lehen pentsioen sistemaren finantzaketa argitzeko: hortik kentzeko pentsioekin lotura zuzena ez duten zenbait gastu, eta pentsioen sistemaren zorpetze maila ez handitzeko, eskura dituen finantza tresna batzuk baliatuz. Gizarte Segurantzak dagoeneko detektatu ditu «gastu desegoki» batzuk, 23.000 milioi eurorenak. Horretarako, proposatu dute honako gastu hauek uztea pentsioen sistematik kanpo eta estatuaren aurrekontuekin finantzatzea: kotizazioaren murrizketak, laguntza prestazio ez-kontributiboak, erretiro aurreraturako laguntzak, erregimen berezietarako hobariak eta adingabearen jaiotzarekin eta zaintzarekin lotutako prestazioen zati bat, eta pentsiorako osagarriak. Gomendion zerrendan, halaber, jaso dute Erreserba Funtsean gutxieneko gerakin bat ezartzeko beharra, horren erabilgarritasuna gogortuko duen arau bati lotuta. Horrez gain, eskatu dute kotizazioetatik haratago beste mekanismo berritzaile batzuk bilatzeko, Gizarte Segurantzaren finantzaketa osatzeko; besteak beste, teknologia berriak eta robotizazioa aipatzen dira testuan, baina ez da zehaztasun gehiago azaltzen; adibidez, roboten lana zergapetuko beharko litzatekeen. Emakumeak, gazteak eta inmigranteak Horrekin guztiarekin batera, beste printzipio batzuk adostu dituzte: kotizazio oinarri ezberdina duten pentsioen arteko elkartasuna sustatzeko eskatu dute; pentsio nahikoa zer den zehazteko adierazle bat sortzeko, jarraipena egin ahal izateko; emakumeen kotizazioetan balizko tratamendu diskriminatzaileak zuzentzeko erreformak bultzatzea, batez ere gabezia aldiak kalkulatzeko orduan; gutxieneko errentetan aseguratutako zenbatekoen murrizketa proportzionalak ezabatzea; eta gazteentzako soldata duinak bermatzea, pentsio duin bat jaso ahal izan dezaten. Inmigranteak kontratatzeko, afiliatzeko eta sisteman integratzeko izapideen kudeaketa erraztea proposatu dute. Autonomoen kotizazioak Espainiako Gobernuaren asmoa da gomendioen taula horrek alderdi guztien babesa jasotzea. Ez du baztertzen talderen batek boto partikularren bat aurkeztea. PPk, esaterako, eskatu du patronalarekin eta sindikatuekin akordio bat egiteko autonomoen kotizazioetan: kuotaren kalkulua diru sarrera errealen araberakoa izan dadin. Kongresuko bideaz gain, gobernua CEOE eta Cepyme patronalarekin eta UGT eta CCOO sindikatuekin ere negoziatzen ari da pentsio sistemaren erreforma, Elkarrizketa Sozialerako Mahaian.
2020-10-23
https://www.berria.eus/albisteak/188730/tolosaldeko-25-alkatek-eskualderako-ospitale-publikoa-eskatu-dute.htm
Gizartea
Tolosaldeko 25 alkatek eskualderako ospitale publikoa eskatu dute
Ospitalea Tolosako (Gipuzkoa) Apatta industrialdean jartzea proposatu dute. Eskualdean Asuncion klinika pribatuak ematen du osasun arta, Osakidetzarekin duen hitzarmenaren bidez.
Tolosaldeko 25 alkatek eskualderako ospitale publikoa eskatu dute. Ospitalea Tolosako (Gipuzkoa) Apatta industrialdean jartzea proposatu dute. Eskualdean Asuncion klinika pribatuak ematen du osasun arta, Osakidetzarekin duen hitzarmenaren bidez.
Tolosaldeko 25 alkatek eskualderako ospitale publikoa eskatu dute gaur goizean, Ibarrako udaletxean egin duten agerraldian. Ospitalea eraikitzeko lekua ere proposatu dute: Tolosako (Gipuzkoa) Apatta industrialdea. Beatriz Unzue Amasa Villabonako (Gipuzkoa) alkatearen arabera, proposamena «erabat zentzuzkoa» da: «Egungo industriaren egoera kritikoa kontuan hartuta, erabat zentzuzkoa iruditzen zaigu aukera izatea industriara bideratutako lur horiek eskualderako osasun zerbitzua emango duen ospitale publiko batera bideratzeko». Proposamenak eskualdeko alkate gehienen babesa jaso du, 28 herritatik 25ek bat egin baitute. Halere, proposamen soil bat dela argitu dute, eta hitz egiteko prest agertu dira: «Erabakiek guztion artean adostuak izan behar dute, eta benetako erabakigunea Tolosaldeko osasun mahaiak izan behar du». Hain zuzen, proposamena osasun mahaira eramateko asmoa dute, bertan zehazteko zein den «kalitatezko osasun arreta» bermatzeko modurik egokiena. Argi dute orain dela ekiteko momentua, eta hainbat eskaera egin dituzte: osasun arreta definitzea, Asuncion klinikako langileen etorkizuna argitzea, ospitale berriaren kokapena zehaztea eta prozesua aurrera eramateko epeak argitzea. Aspaldiko eskaera Otsailean sinatu zuten akordioa 25 alkatek, eta Eusko Jaurlaritzari parte hartze prozesua martxan jartzeko eskatuz. Eragileek, udalek eta Eusko Jaurlaritza parte hartuko duten mahaia osatu nahi dute. Horretarako, udalekin, eragileekin eta sindikatuekin bilduko dira hurrengo bi asteetan. Tolosaldeko ospitale publikoaren afera ez da oraingoa. Eskualdean ez dago ospitale publikorik, eta Asuncion klinikak eskaintzen du arta, Osakidetzarekin duen hitzarmen baten bidez. Baina duela bi aste berpiztu zen ospitale publikoaren aldeko mugimendua, Asuncion klinikako 41 pertsonak —35 langilek eta sei pazientek— koronabirusa harrapatu baitzuten. Ondorioz, ohiko jarduera eten zuen, baita ospitaleratzeak ere. Eskualdean bizi duten egoera salatzeko, herritarrak kalera atera ziren larunbatean.
2020-10-23
https://www.berria.eus/albisteak/188731/cerny-nagusi-giroan-eta-benett-vueltan.htm
Kirola
Cerny nagusi Giroan, eta Benett Vueltan
Txirrindulariek planto egin dute Giroan, eta etapa erdira murriztu da. Benettek atzetik etorrita irabazi du esprintean, Ejea de los Caballerosen.
Cerny nagusi Giroan, eta Benett Vueltan. Txirrindulariek planto egin dute Giroan, eta etapa erdira murriztu da. Benettek atzetik etorrita irabazi du esprintean, Ejea de los Caballerosen.
Inor gutxi gogoratuko da nork irabazi zuen 2020ko Giroko hemeretzigarren etapa. Izan ere, etapan, albistea helmugan bainoago, irteeran egon da. Txirrindulariek planto egin dute Azken astean 200dik gora kilometroko etapak izan dira guztiak. Oraingoa aldi honetako luzeena zen, 251 kilometrorekin, Morbengo eta Asti artean. Stelvion gora egindako ahalegina eta gero, egiten zuen eguraldiarekin, etapa osorik egiteak «beraien osasuna arriskuan jartzea» zela defendatu defendatu dute txirrindulariek, eta antolakuntzak etapa 124 kilometrora murriztu du. Gianni Bugno buru duen Nazioarteko Txirrindularien Elkarteak egin du eskaria, eta eskertuta agertu da antolakuntzak onartu izanagatik. «Lehentasuna osasuna da. Etapa laburtzeagatik ez da ikuskizuna gutxituko. Eskertuta gaude eskaria onartu dutelako». Onartu arren, etapa amaieran haserre mintzatu da Mario Vegni Giroko zuzendaria, RAI telebistari egindako adierazpenetan. «Parisera iristean norbaitek ordaindu egin beharko du honengatik. Ez dugu txirrindularien erabakia onartu, pairatu egin dugu».Kritika gogorra egin die txirrindulariei: «Denak jakitun ziren Giroa urrian korritzen zela, eta tenperatura baxuak izan zitezkeela. Txirrindulari askoren iritzia entzuteko aukera izan dut, eta asko ez zeuden ados plantoarekin». Azkenean, lau ordu eta erdi beranduago hasi da etapa. Txirrindulariek autobusez egin zuten Abbiategrasso arteko bidea. Han izan da irteera. Bizi hasi da lasterketa. Hiru txirrindularik ihes egin dute tropel nagusitik: Victor Campenaertsek (NTT), Simon Pellaudek (Androni) eta Josef Cernyk (CCC). Kilometroak aurrera egin ahala, iheslarien multzoa handituz joan da, hamalau txirrindulari izan arte. Atzetik Bora ari zen tiratzen, Peter Saganen bigarren garaipenaren bila. Baina inork ez ziola laguntzen ikusita, eta indarrak alferrik ez galtzeko, tiratzen utzi dio. Hori balitu dute atzekoek, erritmoa bizitu eta hamar minutu arteko errenta lortzeko. Iritsiko zirela ikusita, iheslarien arteko erasoan hasi dira. Seik egin dute ahalegina. Baina indartsuena Cerny izan zen. 13 kilometro falta zirenean egin du aurrera. Etengabeko erritmo bat ezarri du, eta 20 segundoren errenta baliatzen jakin du. Bakarrik ailegatu da helmugara. Sailkapen nagusiko buruan ez da aldaketarik egon. Bigarren egunez jarrian, eta bi etaparen faltan, hurrengo etapan ere Welco Kelderman (Sunweb) irtengo da elastiko arrosarekin. Pello Bilbaok (Bahrain) laugarren segitzen du, 1.19ra. Mendiko azken etapa jokatuko da bihar. Txirrindulariek hiru aldiz igo beharko dute Sestriere. Azken bi igoerak izango dira gogorrenak (7,2 kilometro, %7,2ko pendizarekin). Sam Bennett gailendu da esprintean Vueltan Gaur zuten txirrindulari bizkorrenek garaipen bat lortzeko aukera argienetakoa Espainiako Vueltan, eta Ejea de los Caballeroseko helmugan Sam Bennett (Bora) nagusitu da, atzetik etorrita. Primoz Roglicek (Jumbo) lider segitzen du. Eguneko ihesaldia Luis Angel Matek (Cofidis), Harry Tanfieldek (Ag2r), eta Jesus Ezquerrak eta Willie Smitek (Burgos) osatu dute. Azken hori izan da amore ematen azkena. Tropelak 15 kilometroren falta harrapatu du. Biharko etapa Huesca eta Sabiñanigo artean korrituko da. Txirrindulariek bigarren mailako bi mendate igo beharko dituzte: Vivo eta Petralbra; eta, hirugarreneko bat: Fanlo.
2020-10-24
https://www.berria.eus/albisteak/188732/onik-topatu-dute-artikutza-inguruan-galdutako-gizona.htm
Gizartea
Onik topatu dute Artikutza inguruan galdutako gizona
Gizonezkoa, 73 urtekoa, atzo galdu zen, onddo bila ari zela.
Onik topatu dute Artikutza inguruan galdutako gizona. Gizonezkoa, 73 urtekoa, atzo galdu zen, onddo bila ari zela.
Atzo SOS Deiak zerbitzuari 20:00 aldera desagertze baten berri eman zioten Oiartzunen (Gipuzkoa). Emakume batek hots egin zien eta esan senarra onddo bila atera zela atzo, eta ez zela etxera itzuli. Artikutzako parke naturalean hasi ziren haren bila Ertzaintza, suhiltzaileak, DYA eta basozainak, inguru hartara joan baitzen gizona (Oiartzun eta Nafarroako Goizueta artean). Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, gauean hasi dira gizona bilatzeko lanean, hark mendira hurbiltzeko ibilgailua utzi duen tokitik, eta, azkenean, goizaldean topatu dute, onik.
2020-10-25
https://www.berria.eus/albisteak/188763/alarma-egoera-ezartzea-erabakiko-du-gaur-espainiako-gobernuak.htm
Gizartea
Alarma egoera ezartzea erabakiko du gaur Espainiako Gobernuak
Ministroen Kontseilu berezia egingo dute gaur dekretua sinatzeko, besteak beste Hego Euskal Herriko gobernuburuek eskatuta.
Alarma egoera ezartzea erabakiko du gaur Espainiako Gobernuak. Ministroen Kontseilu berezia egingo dute gaur dekretua sinatzeko, besteak beste Hego Euskal Herriko gobernuburuek eskatuta.
Gaur, goizeko hamarretan bilduko dira Espainiako Gobernuko ministroak, larrialdi egoera ezartzeko, besteak beste Hego Euskal Herriko lehendakariek hala eskatu ondoren. Larrialdi egoerak aukera emango die erkidego autonomoei askatasunak murriztuko dituzten neurriak hartzeko, epaitegiei eskatu gabe. Bakarrik 15 egunez ezar dezakete larrialdi egoera, baina, Madrilgo iturrien arabera, Espainiako Gobernuak hura luzatzeko aukera aipatzen du dekretuaren testuan bertan. Valentziako Gobernuak (Herrialde Katalanak), esaterako, abenduaren 9ra arte ezartzeko eskatu dio Madrili. Pedro Sanchezen gobernuak behin bozkatu nahi du neurria luzatzea, ez bi astetik behin, udaberriko konfinamenduan bezala. Baina Alderdi Popularrak gobernatzen dituen bost erkidegoek ez diote orain arte sostengurik eman neurriari. Erabakia Alderdi Popularraren sostenguarekin hartzea nahi du Sanchezek, eta harekin gatazkarik sortu gabe. Ministroen Kontseilua asteartean biltzekoa zen, Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak astelehenean erkidegoetako buruekin bilkura egitea aurreikusita baitago. Bilkura horretara gonbidatuta dago Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea. Ministroen Kontseilua aurreratzeko erabakian eragina izan du Iñigo Urkullu Iñigo Eusko Jaurlaritzako eta Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariek alarma egoera ezartzeko Madrili atzo eginiko eskaera formalak.
2020-10-24
https://www.berria.eus/albisteak/188764/600-pertsonaz-osatutako-mosaiko-bat-eratu-du-sarek.htm
Politika
600 pertsonaz osatutako mosaiko bat eratu du Sarek
Joseba Azkarragak eta Inaxio Oiartzabalek adierazi dute asmoa dela beste espetxe politika bat gauzatzea.
600 pertsonaz osatutako mosaiko bat eratu du Sarek. Joseba Azkarragak eta Inaxio Oiartzabalek adierazi dute asmoa dela beste espetxe politika bat gauzatzea.
Manifestazio bat eta mosaiko bat egitea zen asmoa, baina soilik mosaikoa izan da posible, eta nahi baino formatu txikiagoan. COVID-19aren izurriaren bilakaeraren eraginez, 600 pertsonaz osatutako mosaiko bat eratu du Sare Herritarra plataformak gaur arratsaldean Donostiako Kontxako hondartzan. Helburua da Espainiako eta Frantziako estatuek bestelako espetxe politika bat garatzea. Mobilizazioa 17:00etatik aurrera egin dute, eta babes politiko eta sindikal zabala izan du, Joseba Azkarraga eta Inaxio Oiartzabal Sareko bozeramaileek adierazi dutenez. Egitasmoan parte hartu dute EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, eta ELA, LAB, UGT, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek. CCOOk ere babestu ohi ditu Sareren eskariak, baina ez du mobilizazioan parte hartu. Egungoa «helduleku legalik eta gizatasunik gabeko» espetxe politikatzat jo du Oiartzabalek, eta hori amaitzeko eskatu die Frantziako eta Espainiako gobernuei. Pandemia garaian kartzeletan bizi duten egoera ere salatu du, azalduta egoera horrek okerrera egin duela. Ohiko eskakizunei eutsi die Sarek, Bego Atxa bozeramaileak azaldu duenez: adineko presoak eta gaixotasun larri edo sendaezinak dituztenak berehala askatzeko, urruntze politika amaitzeko eta «etxeratze prozesua martxan jartzea dakarren gradu progresioa» ahalbidetzeko. Datu batean laburbildu du Atxak presoen eta horien senideen egoeraren gordina: Andaluzian (Espainia) edo Galizian dauden presoen gertukoek 40 kilometro egin behar dituzte bisitan igaro dezaketen minutu bakoitzeko. Atxaren hitzetan, «sistema demokratiko baten kalitatea neurtzeko parametro lagungarrietako bat» da presoen eskubideekiko errespetua, eta, plataformaren arabera, Espainiako Estatua ez da arlo horretan maila ematen ari. Ildo horretan, euskal instituzioei eta eragileei eskatu die mantentzeko «aktibo Euskal Herrian lortutako akordio zabalak» eta «ateratzeko agendatik desadostasunak», espetxe politikaren auzia «konfrontazio eremutik» ateratzeko eta «akordioen agendara» eramateko. Espainiako eta Frantziako gobernuei ere luzatu dizkiete eskariak, ordea. Atxak aitortu du «hainbat urrats txiki» eman direla azken asteetan zenbait preso lekualdatuta, baina Sarek ez du uste horrek esan nahi duenik egoera «normaltzen» ari dela: «Urruntze politika amaitzea euskal presoak Euskal Herrira ekartzean oinarritzen da, eta ez, oraindik ere, 300 kilometrotara dauden espetxeetara lekualdatzean». Hortaz, «ausardiaz» jokatzea galdegin zion Atxak Pedro Sanchezen gobernuari, «legedia arruntean oinarritutako espetxe politika ezartzeko». Gainera, bi data gordetzeko eskatu die Sarek herritarrei, modu batera edo bestera, mobilizazioak egiteko asmoa baitute: azaroaren 21a eta urtarrilaren 9a.
2020-10-24
https://www.berria.eus/albisteak/188765/proben-96-positiboak-izan-dira-azken-zenbaketetan.htm
Gizartea
Proben %9,6 positiboak izan dira azken zenbaketetan
Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak kutsatutako 1.709 pertsona gehiagoren berri eman dute
Proben %9,6 positiboak izan dira azken zenbaketetan. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak kutsatutako 1.709 pertsona gehiagoren berri eman dute
COVID-19aren izurriaren datuek gorako joeran jarraitzen dute. Eman dituzte Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak atzo egindako testen emaitzak, eta 1.709 kasu atzeman zituztela adierazi dute. Denera 17.743 test egin zituzten, eta positibo eman zutenen ehunekoa, beraz, %9,6koa da. Behin %5etik aurrera birusaren transmisio komunitarioaren arriskua egon ohi dela azaltzen dute osasun publikoan eman ohi diren irizpideek, eta egoera, beraz, kezka eragitekoa modukoa da. Eusko Jaurlaritzako Osasun Departamenduak zenbatutako kasuetan igoera oso nabarmena izan da egunotan: gaur hirugarren eguna segidan da 1.000 positiboko muga gainditu dutena. Gipuzkoan dabil, bereziki, birusa oldartuta: 620 kasu zenbatu dituzte han, 452 Bizkaian eta 136 Araban. Erietxeetan igartzen ari da igoera horren eragina: atzo COVID-19ak jotako beste 61 pertsona eraman zituzten erietxeetara. Zainketa intentsiboetako unitateetan 71 paziente daude. Gaitzaren sintomak hasi eta aste pare bueltan larriagotzen da usu pazienteen egoera, oraingo datuen igoerak erietxeetan izan dezakeen eraginari erreparatzeko, beraz, astia beharko da. Azken datuon arabera, 28 udalerri daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan igaro hamalau egunotan 100.0000 biztanleko 500 kasuko intzidentzia gaindituta. Donostia muga horretara iristear dago: 476,74 kasu ditu. Muga hori gainditzen duten herrietan aparteko mugak ezarriak ditu Eusko Jaurlaritzak. Nafarroan azken zenbaketan 497 kasu berri kontatu dituzte. Positiboen %54 Iruñerrian atzeman dituzte, eta %23 Tutera eta inguruetan. Zertzelada gehiago ere eman dituzte azken orduaz; atzo lau pertsona hil ziren COVID-19arekin, eta 30 pertsona eraman zituzten erietxeetara.
2020-10-24
https://www.berria.eus/albisteak/188766/gizon-bati-labanaz-eraso-egin-diote-barakaldon-eta-larri-dago.htm
Gizartea
Gizon bati labanaz eraso egin diote Barakaldon, eta larri dago
Erasoarekin lotuta gizonezko bat atxilotu dute; homizidio ahalegina egotzi diote
Gizon bati labanaz eraso egin diote Barakaldon, eta larri dago. Erasoarekin lotuta gizonezko bat atxilotu dute; homizidio ahalegina egotzi diote
Gaur goizeko hamaikak aldera labankadaka eraso egin diote Barakaldon (Bizkaia) gizonezko bati, kalean zihoala. Osasun larrialdiek berehala izan dute jazoeraren berri, eta larri aurkitu dute; sei sastakada ditu: hiru saihets batean, eta beste hiru, bizkarrean. Gurutzetako erietxera eraman dute berehala, han arta dezaten. Erasoa jazo den tokitik alde egina zen erasotzailea larrialdi zerbitzuak heldu direnerako, baina berehala gizonezko bat atxilotu dute ertzainek erasoaren egilea izatea egotzita; polizia etxera eraman dute, eta homizidio ahalegina leporatu diote. Atxilotua 55 urteko gizonezko bat dela adierazi dute, eta ikerketa bat abian dela jazotakoa argitzeko.
2020-10-24
https://www.berria.eus/albisteak/188767/maddi-sarasua-gailendu-da-sohutako-saioan.htm
Kultura
Maddi Sarasua gailendu da Sohütako saioan
Xilabaren bigarren final-herena jokatu dute arratsean. Egoitz Zelaia sailkatu da bigarren.
Maddi Sarasua gailendu da Sohütako saioan. Xilabaren bigarren final-herena jokatu dute arratsean. Egoitz Zelaia sailkatu da bigarren.
Zuberoako, Lapurdiko eta Nafarroa Behereko Xilaba bertsolari txapelketako final-herenetako bigarren saioa jokatu dute Sohütan (Zuberoa), eta Maddi Sarasua Laskarai atera da garaile. Egoitz Zelaia sailkatu da haren atzetik, eta Elixabet Etxandi ondotik. Laugarren, berriz, Maindi Murua Berra; bosgarren, Mizel Mateo; eta seigarren, Iker Altuna. Gela mukuru bete da. Kartzelako gaia oroitzapenei begira jarri da, familia argazki bat komentatzeko eskatu baitzaie. Umoreak ez du hutsik egin, nahiz eta COVID-19a aski presente egon den saioan zehar. Hilaren 31n izanen da hurrengo saioa, Izturitzen (Nafarroa Beherea).
2020-10-24
https://www.berria.eus/albisteak/188768/geogheganentzat-giroko-etapa-eta-wellensentzat-vueltakoa.htm
Kirola
Geogheganentzat Giroko etapa, eta Wellensentzat Vueltakoa
Bihar amaituko da Italiako Giroa, eta Hindley eta Geoghegan denbora berdinarekin abiatuko dira azken erlojupekoan. Pello Bilbao laugarren da, eta 1.19ra du podiuma.
Geogheganentzat Giroko etapa, eta Wellensentzat Vueltakoa. Bihar amaituko da Italiako Giroa, eta Hindley eta Geoghegan denbora berdinarekin abiatuko dira azken erlojupekoan. Pello Bilbao laugarren da, eta 1.19ra du podiuma.
Tourrean gertatu bezala, azken erlojupekoak erabakiko du Italiako Giroa. Aurreko egunetako etapa menditsuak kontuan hartuta, nekez pentsa zitekeen hala izango zenik. Baina Sestriererako hiru igoerak egoera horretan utzi dute lasterketa. Emozio eta parekotasun gehiago ezin eskatu. Giroaren 103 urteko historian ez da sekula halakorik gertatu. Jai Hindley (Sunweb) eta Tao Geoghegan (Ineos) denbora berdinarekin iritsi dira azken etapara. 15,7 kilometrora dute loria, eta bakarkako lanean erabakiko dute norentzat den azken elastiko arrosa. Geoghegan ageri da faborito, hobeto moldatzen baita erlojuaren aurka. Pello Bilbaori (Bahrain) zaildu egin zaio podiumean amaitzeko aukera, 1.19ra baitu. Sestrieren amaitutako etapan Geoghegan nagusitu da, eta bigarren izan da Hindley. Azken hori irtengo da azken lekuan erlojupekoan, eta elastiko arrosarekin. Etapa ikusgarria espero zen, eta txirrindulariek hala izatea ahalbidetu dute. Eguneko ihesaldia 21 txirrindularik osatu dute. Lehiakorrenak Davide Bellerini (Deceuninck) eta Einar Rubio (Movistar) izan dira. Azken hori iritsi da aurrean Sestriererako azken igoerara. Baina bigarren igoeratik jada faboritoen artean hasia zen lehia. 30 kilometro falta zirenean Rohan Dennisek erritmoa bizitu du. Ikaragarria izan da Dennisek Geogheganen alde egin duen lana. Wilco Kelderman (Sunweb) atzean geratu da. Kilometroak aurrera joan ahala, konturatu zen ezingo ziola elastiko arrosari eutsi, eta nahiago izan du erritmo jarri bat ezarri eta gutxienez podiumeko lekuari eustea. Haren gurpilean joan da Bilbao. Dennisekin aurrera egin dute Hindleyek eta Geogheganek. Hala, eguneko ihesaldiko indartsuenak harrapatu dituzte. Sestriereko azken igoerari minutu eta erdiko aldearekin ekin diote liderrarekiko. Abantaila 1.45ekoa zenean, Dennisek erritmoa apur bat gutxitu du, eta errenta 55 segundora ere gutxitu da. Atzetik Joao Almeidak (Deceuninck) egindako Giro bikaina biribildu du, aurrera eginez. Hindleyek etengabe egin dio eraso Geoghegani azken lau kilometroetan. Baina ondo eutsi dio, eta azken metroetan aurrea hartu dio Hindleyri, eta etapa irabazteaz gain, hamar segundoko gainsaria lortu du. Erlojuaren aurkako etapak 15,7 kilometro izango ditu, eta Cernusco sul Naviglio eta Milan artean jokatuko da. Ibilbidea lau da. Wellensen garaipena Vueltan Tim Wellensek (Lotto Soudal), berriz, etekina atera zion atzo ihesaldiari, eta Sabiñanigoko helmugan gailendu d, Espainiako Vueltako bosgarren etapan. Primoz Roglicek (Jumbo Visma) lider segitzen du. Hainbat ahalegin eta gero Vioko mendatearen igoeran egin zen ihesaldi erabakigarria. Jada aurretik zen hamabi txirrindulariren multzo batetik hiruk egin zuten aurrera: Wellensek, Gillaume Martinek (Cofidis) eta Thymen Aresmanek (Sunweb). Azken kilometrora batera ailegatu dira. Aresman izan ad mugitzen aurrena, baina ondo eutsi, eta bere esperientzia baliatu du garaipena lortzeko. Gaurko etapa Biescas eta Formigal artean izango da.
2020-10-24
https://www.berria.eus/albisteak/188769/leopoldo-lopez-venezuelatik-atera-da.htm
Mundua
Leopoldo Lopez Venezuelatik atera da
Oposizioko buruzagia Espainiaren enbaxadan zegoen 2019an Maduro boteretik botatzen saiatu zirenetik; «bide klandestino bat» erabili du herrialdetik irteteko. Bere aitaren arabera, Espainiara joango da «laster».
Leopoldo Lopez Venezuelatik atera da. Oposizioko buruzagia Espainiaren enbaxadan zegoen 2019an Maduro boteretik botatzen saiatu zirenetik; «bide klandestino bat» erabili du herrialdetik irteteko. Bere aitaren arabera, Espainiara joango da «laster».
Leopoldo Lopez Venezuelatik atera zen atzo, bere aitak gaur baieztatu duenez. «Bide klandestino bat» erabilita irten zen Espainiaren enbaxadatik Kolonbiako mugara joateko; halere, dagoeneko ez dago herrialde horretan, senidearen arabera. Oposizioko buruzagiaren helburua Espainiara iristea da, eta han izango da «laster», datozen egunetan. Venezuelako Atzerri Ministerioak ere baieztatu du gertaturikoa. Lopezen gurasoak Madrilen bizi dira, eta espainiar nazionalitatea dute 2015etik; bere aita europarlamentari aukeratu zuten iaz, PPren zerrendan aurkeztu zenean. Oposizioko buruzagia Jesus Silva Espainiako enbaxadorearen etxean zegoen iazko apirilaren 30ean Juan Guaidorekin batera Nicolas Maduro Venezuelako presidente agintetik botatzeko plana sustatu zutenetik. Ez zuen bere helburua lortu, baina Guaidok eta zenbait militarrek bere etxetik atera zuten; han ari zen betetzen atxiloaldia. Aldi berean, Maduro botatzeko planak huts egin zuela ikusita, Espainiaren enbaxadara joan zen. Lopezen emaztea ere Espainian dago iragan urteko ekainetik, bikotearen alabarekin batera. Espainiara iritsiko balitz, asiloa eskatzeko aukera izango luke. Espainiak Venezuelako enbaxadorea aldatzea erabaki du, eta litekeena da Lopezek horren harira hartu izana Venezuelatik ateratzeko erabakia. Espainiako Gobernuak, ordea, adierazi du enbaxadore aldaketak ez zuela oposizioko buruzagiaren egoeran eraginik izango, Europa Pressen arabera. Lopezi ia hamalau urteko kartzela zigorra ezarri zioten 2015ean, urtebete lehenago izan ziren protestetan indarkeriaren erabilera sustatzeagatik: 43 hildako eta 600 bat zauritu izan ziren, eta 3.500 lagun inguru atxilotu zituzten. Zigor horren ia hiru urte kartzelan bete zituen, eta gero eman zioten etxera itzultzeko baimena, gainontzeko urteak han betetzeko.
2020-10-24
https://www.berria.eus/albisteak/188770/ginga-jarri-dio-mendeurrenari.htm
Kirola
Ginga jarri dio mendeurrenari
Osasunak irabazi egin dio Athletici euskal derbian, klubaren 100. urteurrenean. Ruben Garciak egin du partidako gol bakarra, penaltiz. Aurkariaren atean zehaztasunik gabe aritu dira bi taldeak.
Ginga jarri dio mendeurrenari. Osasunak irabazi egin dio Athletici euskal derbian, klubaren 100. urteurrenean. Ruben Garciak egin du partidako gol bakarra, penaltiz. Aurkariaren atean zehaztasunik gabe aritu dira bi taldeak.
Derbiak bi taldeen arteko tentsioa, errespetua eta urduritasuna areagotzea dakar. Eta hori soropilean islatu ohi da partidako hastapenean. Hala gertatu da gaurko Osasunaren eta Athleticen arteko neurketan ere. Argitasunik gabeko jokoa erakutsi dute Sadar eraberrituan, eta argi izpi txikiena izan duen taldea Athletic izan da. Baina ate aurrean asmatu egin behar da gero, eta Gaizka Garitanorenak ez dira fin ibili. Bai, ordea, Osasuna. Izan duen aukera apurrari ondo baino hobeto atera dio zukua; Ruben Garciak penaltiz egindako golari eske, hiru puntuak Iruñean geratu dira. Gorritxoei buruan ondo iltzatuta geratuko zaie klubaren mendeurreneko eguna. Jagoba Arrasatek hiru aldaketa egin ditu, aurreko hamaikakoarekin alderatuta; Juan Cruz, Nacho Vidal eta Jony Jon Moncayolaren, Kike Barjaren eta min hartuta dagoen Jonathan Calleriren ordez aritu dira. Ostera, Gaizka Garitanok Levanteren aurkako jokalari berak zelairatu ditu. Hain zuzen, zuri-gorriek sortu dute lehen arriskua bederatzigarren minutuan, Alex Berenguerren eskutik. Gorritxo ohiak punpa lasterrean area kanpotik jaurtiketa indartsua egin du. Sergio Herrerak, berriz, erantzun ona eman dio. Zelai erdian nahasmen handia izan dute batak zein besteak, eta jokoa sarritan moztu dute. Zehaztasun gabeko egoera horretan, etxekoen lehen abagune deigarriena Iñigo Perezek burutu du. Falta jaurtiketa zuzena egin du, Unai Simoni ezusteko txikia eman nahian. Handik gutxira, Aridanek zelaia utzi behar izan du; aireko jokaldi batean desorekatu, eta ezker belaunean min hartu du. Unai Garciak bete du espainiarraren hutsunea. Minutuak aurrera joan ahala, Garitanoren jokalariek demako lema hartu dute. Osasunaren zelaian eroso zenbiltzan baloia alde batetik bestera mugituz. Lehen zatiaren hondarrean etxekoei estutasunaren bat sorrarazi die. Unai Lopezek urruneko falta jaurtiketa zitala egin du, baina Herrerak kornerrera bidali du baloia. Hutsean joan dira aldageletara. Golek berdin balio dute Bigarren zatia ere bide beretik hasi dute bi taldeek: zehaztasun eta intentsitaterik gabe. Baldintza deseroso horietan bisitaria moldatu da hobekien, eta Raul Garciak egin du Athleticen lehen saiakera. Iñaki Williamsek eskuin hegaletik erdiraketa pozoitsu egin du, baina nafarrak ez du buruz ongi errematatu. Osasunak, nola edo hala, aurkariaren atea zulatu nahi izan du, eta Arrasatek aurrelarien aldeko apustua egin du. Adrian Lopezi eta Barjari eman die aukera. Gurpil zoroan atera ezinik zenbiltzan bi taldeak, harik eta 80. minutuan Barjak eltzetik babak atera dituen arte. Aurrelaria arean sartu, eta Ander Capa bizkarrez indartsu sartu zaio. Indartsuegi, ordea; lurrera bota baitu Barja, eta Cuadra Fernandez epaileak penaltia adierazi du. Ruben Garciak hamaika metroetatik ez du barkatu. Garitanok, presaren presaz, Yuri Berchice, Jon Morcillo eta Iñigo Vicente sartu ditu berdegunean, gutxienez, puntu bat urratzeko. Hain justu, neurketako azken hatsean, Morcilloren erdiraketa baten ostean, Capak bigarren lerrotik sartu, eta bakar bakarrik buruz errematatu du, baina haren ahalegina hutsala izan da, Osasunaren zorionerako. Ospakizunak, baina, izan du alde ilunik. Zaleek jaurtitako suziriek sutea eragin dute Ezkaba mendian, eta suhiltzaileak sua itzaltzeko lanean ari dira.
2020-10-25
https://www.berria.eus/albisteak/188804/zumaian-ermuan-eta-mallabian-baheketak-egingo-dituzte.htm
Gizartea
Zumaian, Ermuan eta Mallabian baheketak egingo dituzte
Hiru herrietan, 13 eta 40 urte arteko biztanleei eskatu diete PCR proba egiteko, izurria kontrolatze aldera. Mallabiko herritarrek Ermura joan beharko dute proba egitera. Getarian ez dute baheketarik egingo.
Zumaian, Ermuan eta Mallabian baheketak egingo dituzte. Hiru herrietan, 13 eta 40 urte arteko biztanleei eskatu diete PCR proba egiteko, izurria kontrolatze aldera. Mallabiko herritarrek Ermura joan beharko dute proba egitera. Getarian ez dute baheketarik egingo.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak Zumaiako (Gipuzkoa), Mallabiko eta Ermuko (Bizkaia) 13 eta 40 urte arteko herritarrei PCR proba egiteko eskatu diete, herri horietan koronabirusa asko zabaltzen ari dela ikusita. Zumaian, astelehentik asteazkenera egingo dute baheketa, Aitzuri pilotalekuan. Proba egin nahi duten herritarrek hitzordua eskatu beharko dute telefonoz asteleheneko 08:00etatik aurrera, osasun etxera deituta edo Osasun Kontseilura. Eremuko eskoletako ikasleak, berriz, ikastetxeetan koordinatuko dituzte. Bihar, 15:30 eta 19:30 artean egingo dituzte probak; etzi eta asteazkenean, goizean ere bai, 08:30 eta 14:00 artean. Ermuan, Arizmendi pilotalekuan jarriko dute probak egiteko lekua; bihar, etzi eta asteazkenean hartuko dizkiete laginak herritarrei, 13:00etatik 20:00etara; beharrezkoa balitz, ostegunean ere jarraituko dute. Txanda hartzeko, 943-03 26 44 edo 900-20 30 50 telefono zenbakietara deitu behar da. Mallabiko herritarrei eskatu diete Ermura joateko proba egitera. Herritarrek emaitza 72 ordu baino lehenago eta SMS bidez jasoko dutela esan dute agintariek. Positiboa bada, gainera, telefono dei bat jasoko du herritarrak. Emaitza ezagutu artean, harremanak mugatzea aholkatzen du Osakidetzak, eta maskara egoki ibiltzeko eta eskuen higienea mantentzeko. Getarian, ez Getarian, berriz, udalak argitu du herri horretan ez dela baheketarik egingo. Goizean Efe albiste agentziak zabaldu du Getariako herritarrei ere dei egin dietela Zumaian probak egitera joateko, baina gero zuzendu dute oharra: Zumaiako baheketan zumaiarrak bakarrik sartuko dira. Ostiralean, neurri bereziak hartu zituen Jaurlaritzak 5.000 biztanle baino gehiagoko 25 udalerritan ezarriko ditu neurri bereziak, kutsatu asko zituztelako. Horietako 19 Gipuzkoan daude: Andoain, Astigarraga, Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Deba, Eibar, Elgoibar, Hernani, Lazkao, Legazpi, Lezo, Oñati, Ordizia, Pasaia, Tolosa, Urnieta, Urretxu, Zumaia eta Zumarraga. Horietan, zorrotzagoak dira koronabirusaren hedapena saihesteko neurriak, eta, besteak beste, tabernek eta saltokiek 21:00etan itxi behar dituzte ateak.
2020-10-25
https://www.berria.eus/albisteak/188805/alarma-egoera-onartu-du-espainiako-gobernuak-sei-hilabeterako-luzatzeko-asmoz.htm
Gizartea
Alarma egoera onartu du Espainiako Gobernuak, sei hilabeterako luzatzeko asmoz
Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko buruek edukiko dute egoera kudeatzeko eskuduntza eta erabaki propioak hartzeko aukera. Elkartzeko eskubidea mugatuko du Espainiak, eta etxeratzeko agindua ezarriko du gauean. Urkulluk eta Txibitek ontzat jo dute erabakia.
Alarma egoera onartu du Espainiako Gobernuak, sei hilabeterako luzatzeko asmoz. Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko buruek edukiko dute egoera kudeatzeko eskuduntza eta erabaki propioak hartzeko aukera. Elkartzeko eskubidea mugatuko du Espainiak, eta etxeratzeko agindua ezarriko du gauean. Urkulluk eta Txibitek ontzat jo dute erabakia.
Maiatzaren 9ra arte arte luzatu nahi du Espainiako Gobernuak alarma egoera, izurriari aurre egiteko. Igande honetan, Madrilen, Ministro Kontseilu berezian onartu dute sei hilabeterako ezarri nahi duten egoera. Printzipioz, hamabost egunerako ezarri dute. Sei hilabeterako luzatzeko, Espainiako Kongresuak onartu beharko du. Martxoaren 14an ezarritakoa baino arinagoa izango da alarma egoera oraingoz: ez da konfinamendu orokorrik egongo. Baina biltzeko eskubidea mugatuko dute, eta gauean etxeratzeko agindua ezarriko dute. Eztabaida dago etxeratzeko aginduaren ordutegiaren inguruan, baina 23:00etatik 06:00etarako tartea proposatu du Pedro Sanchezen gobernuak. Autonomia erkidegoetako buruek kudeatuko dute, eta ordutegiak moldatzeko aukera izango dute: etxeratze agindua ordubete aurreratu edo atzeratu ahalko dute —alegia, 22:00etatik 07:00etara, gehienez—. Araututako tarte horretan ezingo da kalean ibili, ez bada lanerako, zaintzarako edo botikak erosteko. Erkidegoek erabaki ahalko dute, gainera, euren lurraldeko mugak ixtea, edo haien barruko eremu bat zarratzea. Asko jota sei pertsona elkartu ahalko dira, ez badira elkarrekin bizi. Astelehenean bilerak Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak abegi ona egin diote Espainiako Gobernuaren erabakiari, eta biek azaldu dute astelehen honetan bertan bilduko direla erkidego bakoitzeko jarraipen mahaiak, egoera aztertzeko, eta neurriak hartzeko. Erabaki «orekatuak eta proportzionatuak» hartuko dituztela adierazi du Urkulluk. Txibitek azaldu du bere gobernuak indarrean dituela alarma egoerarekin baimendutako neurri batzuk; herrialdea hala itxi dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren bermearekin, eta bilerak sei lagunera murriztu dituzte. Etxeratze agindurik ez zutela agindu esplikatu du, Nafarroak ez zuelako horretarako eskumenik, baina alarma egoerarekin Espainiako Gobernuak agindu du orain. Nafarroak bihar aztertuko du neurri berriak hartzeko aukera. Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko lehendakariek hala eskatu zuten ostiral arratsaldean alarma egoera ezartzea, neurriak hartu ahal izateko, eta erkidegoen esku uztea haren kudeaketa, eta halaxe egin du Sanchezen gobernuak. EAEko Justizia Auzitegiak, hain justu aste honetan, debekatu egin dio Jaurlaritzari bilerak sei lagunera mugatzea; orain, Gasteizko gobernuak aukera izango du neurriak zorrozteko. Urkulluk uste du orain egoera arinago eta zehatzago kudeatzeko aukerak izango direla, eta gogorarazi du abuztuaren 8az geroztik ohartarazi duela urrats horiek egiteko beharraz. Juridikoki, alarma egoeraren «autoritate delegatuak» izango dira erkidegoetako presidenteak. Horrek esan nahi du haiek hartuko dituztela erabakiak, eta erkidegoetako kontseiluan koordinatuko dituztela. Pedro Sanchezen agerraldia Ministroen kontseiluaren ondoren, hedabideen aurrean agerraldia egin du Sanchez, alarma egoeraren xehetasunak azaltzeko. Azken asteotan COVID-19 kasuak gehitu egin direla eta Europako beste hainbat estatuk neurri zorrotzak hartu dituztela argudiatu du Sanchezek. Izurriaren bigarren olatua ezberdina dela adierazi du Sanchezek: gutxiago hiltzen du, eta jende gazteagoa ari da kutsatzen. Horregatik, alarma egoera ezberdina izango dela gaineratu du: erkidegoekin hasieratik «kogobernantzan» arituko dela esan du. Tarteko luzapenik gabe «Zergatik sei hilabete?», galdetu du Sanchezek. Eta erantzun du adituek uste dutela epe hori behar dela bigarren olatuari aurre egiteko; arnas aparatuko gaitzei kalte egiten dieten birusak udazkenean eta neguan erasaten diete gehien pertsonei. Radar-Covid aplikazioa instalatzeko eskatu du Sanchezek, eta etxean geratzeko eta harremanak murrizteko ahal bezainbeste. Udaberrian, alarma egoera bi astetik bi astera luzatzen jardun zuen gobernuak, eta, orduan ez bezala, orain alarma egoera luzea du buruan Espainiako Gobernuak. Bozketa bakarrarekin, sei hilabeterako ezarri nahi du, udaberrian gertaturikoa gerta ez dadin: hau da, bi astetik behin egoera luzatzeko eztabaida eta bozketa egin behar izatea Kongresuan. Baina Alderdi Popularrak gobernatzen dituen bost erkidegoek ez diote orain arte sostengurik eman alarma egoera ezartzeko neurriari. Eta erabakia Alderdi Popularraren sostenguarekin hartu nahi du Sanchezek, harekin gatazkarik sortu gabe. Eguerdiko agerraldian galdetu diote PPren babesa izango ote duen; ez du erantzun, baina harremanetan daudela jakinarazi du. Dekretua Kongresuan onartzeko gehiengoa edukiko duela uste du Sanchezek. Astelehenean, bestalde, Sanchezek bilera telematikoa egingo du autonomia erkidegoetako presidenteekin, goizeko hamarretan.
2020-10-26
https://www.berria.eus/albisteak/188806/itziar-ituntildeok-mask-singer-saioaren-ikusleak-harritu-ditu-lady-gagaren-bertsio-batekin.htm
Bizigiro
Itziar Ituñok 'Mask Singer' saioaren ikusleak harritu ditu Lady Gagaren bertsio batekin
TF1 kateko saioan hartu du parte, Lady Gagaren Million Reasons kantua abestuz, kristalez beteriko jantzi batekin. Txalo artean hartu dute.
Itziar Ituñok 'Mask Singer' saioaren ikusleak harritu ditu Lady Gagaren bertsio batekin. TF1 kateko saioan hartu du parte, Lady Gagaren Million Reasons kantua abestuz, kristalez beteriko jantzi batekin. Txalo artean hartu dute.
La casa de papel telesailak nazioarteko arrakasta izan du, eta hala zabaldu da Itziar Ituño aktorearen ospea ere hamaika herrialdetara. Netflixek emandako datuen arabera, mundu osoan 65 milioi gailutan ikusi dituzte gutxienez telesailaren azken denboraldiko bi minutu. Ituño protagonista nagusietako bat da, eta batetik bestera ibili da azken boladan. Duela egun batzuk, Frantziako TF1 telebista kateko Mask Singer saioan hartu zuen parte. Saio horretan, jende ezagunak abesten du goitik behera mozorrotuta. Boto gutxi jasoz gero, nor den erakusten dute. Bestela, epaimahai bat saiatzen da nor den asmatzen, saioz saio ematen dieten informazioarekin. Ituño, baina, gonbidatu egin dute. Denboraldiko bigarren saioko nazioarteko izar gonbidatua izan da. Lady Gagaren Million Reasos kantua abestu du. Izan ere, aktorea izateaz gain, abeslaria ere bada bera. Ingot rock taldeko kidea da, eta Dangiliske dantza taldean ere aritzen da plaza dantzak jotzen, perkusio txikiarekin. Berriki, Gure Eskuren Hamaika Gara egitasmoaren abestian hartu du parte, Dupla taldearekin batera.
2020-10-26
https://www.berria.eus/albisteak/188807/lehen-postua-galtzeko-asmorik-gabe.htm
Kirola
Lehen postua galtzeko asmorik gabe
Reala erraz nagusitu zaio Huescari, eta sailkapeneko lehen postuan dago berriro
Lehen postua galtzeko asmorik gabe. Reala erraz nagusitu zaio Huescari, eta sailkapeneko lehen postuan dago berriro
«Sailkapenak ez du ezer esan nahi, hau hasi besterik ez baita egin». Hala esan zuen atzo Imanol Alguacil entrenatzaileak, partida amaitu berritan. Realak 4-1 garaitu zuen Huesca, eta berriz ere ligako sailkapenaren buru da. Aragoiko taldea eusteko gai izan zen lehen zatian, baina bigarren 45 minutuetan haien gainetik pasatu ziren txuri urdinak. Joan-etorri askoko partida izan zen lehen zatian ikusitakoa. Gol aukera garbirik gabea, ordea. 35. minutuan iritsi zen partidako lehen gola, penaltiz. Guridi defendatzeko asmotan, Realeko aurrelaria lurrera bota zuen Maffeok area barruan, eta Oiartzabalek ez zuen barkatu. Azken minutuan izan zuen Huescak berdintzeko aukera, baina Remiro bizi aritu zen Rafa Mirren aurrean. Ezin izan zuen gauza bera egin bigarren zatiko lehen jokaldian, eta Mirren burukadak ate barruan amaitu zuen. Hortik aurrera, ordea, Reala nagusitu zen. Gorosabelek egindako erdiraketa buruz errematatu zuen Oiartzabalek, baloia sarera bidaltzeko. Silvaren jokaldi eder batetik iritsi zen gero hirugarrena. Portuk ez zuen alferrik galdu hark eginiko pasea: 3-1. Isakek borobildu zuen donostiarren partida, Reala nagusi izan zen norgehiagoka batean. Reala: Remiro; Gorosabel, Aritz, Le Normand, Aihen; Guridi (Merino, 62. min), Zubimendi, Silva (Sagnan, 76. min.); Portu (Bautista, 76. min.), Oiartzabal (Roberto Lopez, 76. min) y Willian Jose (Isak, 62. min.). Huesca: Andres Fernandez; Maffeo (Ontiveros, 70. min.), Pulido, Siovas, Javi Galan (Gaston Silva, 70 min.); Seoane (Nwakali, 70 min.), Mosquera, Borja Garcia; Rafa Mir, Sandro (Sergio Gomez, 55. min.) y Ferreiro (Escriche, 55. min.).
2020-10-26
https://www.berria.eus/albisteak/188808/txileko-herritarrek-pinocheten-konstituzioa-ezeztatu-dute.htm
Mundua
Txileko herritarrek Pinocheten konstituzioa ezeztatu dute
Boto emaileen %78k babestu dute aldaketa. Herritarrek aukeratutako 155 pertsonak idatziko dute konstituzio berria.
Txileko herritarrek Pinocheten konstituzioa ezeztatu dute. Boto emaileen %78k babestu dute aldaketa. Herritarrek aukeratutako 155 pertsonak idatziko dute konstituzio berria.
Txilek bere laugarren konstituzioa idatziko du datorren urtean, eta, aurrekoetan ez bezala —1833an, 1925ean eta 1980an—, hauteskunde prozesu baten ondorio izango da. Herritarrek hautatutako batzorde konstituziogile batek onartu beharko du konstituzioa, eta herritarrek bozketa batean berretsi. Hori da igandeko erreferendumaren emaitzek Txilen ireki duten bidea. Konstituzio berri bat egin ala Augusto Pinochet diktadorearen garaikoarekin jarraitu hautatu behar zuten, eta herritarren %78k baino gehiagok onartu dute prozesu konstituziogile bati ekitea. Konstituzio hori herritarrek aukeratutako batzorde batena izatea ere adostu dute: %79k babestu dute batzorde konstituziogileko 155 pertsonak herritarrek lan horretarako berariaz aukeratuak izatea, eta ez eratzea batzorde misto bat konstituzioa idazteko espresuki izendatuak izan diren ordezkariz eta parlamentarioz osatutakoa. Prozesua «herritarren eta demokraziaren garaipena» izan dela adierazi zuen atzo Sebastian Piñera Txileko presidenteak. Gobernua kezkatuta zegoen indarkeria ekintzek bozketa nahastuko ote zuten, eta garrantzitsutzat zeukan parte hartze handia lortzea, erreferendumaren zilegitasuna zalantzan ez jartzeko. Bozketa normal egin da herrialdean, eta parte hartzea %50,8koa izan da: azken urteetako handienetakoa, 2012an bozkatzeak derrigorrezkoa izateari utzi zionetik. Kontuan hartzekoa da, gainera, baldintzatuta bozkatu behar izan dutela, koronabirusaren pandemiak behartuta. Baietzaren arrakastak agerian utzi du konstituzio berri baten kontra agertu den eskuinaren porrota. Erreforma batzuk egin baina konstituzioa ez aldatzeko aukerak botoen %22 jaso ditu. Gobernua sostengatzen duen koalizioko lau alderdiek kontrako jarrerak babestu dituzte. Batzuk alde, beste batzuk kontra, eta besteak zatituta. Azken horien artean, RN Berrikuntza Nazionala Piñeraren alderdi ohia. Diego Schalper RN alderdiko parlamentariaren iritziz, «lezio ikaragarria» izan da bozketa: «Zentro-eskuina zatituta aurkezten denean, azkenean, denok galtzen dugu». Konstituzio berriaren aurka agertu den UDI Batasun Demokratiko Independentea alderditik, aldiz, lanerako deia egin du berehala Jacqueline van Rysselberghe buruak, «konstituziogile onenak» hautatzeko. Nabarmendu duenez, «beharrezkoak diren aldaketek handi egin gaituzten gauza horiek hobetzea eta mantentzea ere eskatzen dute». Piñerak berak ez du argitu zer bozkatu duen, nahiz eta gobernuko hainbat kidek galdetu dioten. Emaitzak ezagutarazi ondoren, igandean egin zuen diskurtsoan ere, ez zen joan ideia orokorretatik harago. Haren ustez, orain arte, Txileko Konstituzioak herritarrak «zatitu» ditu, eta berriak batasunerako esparru bat izan behar du. Aldaketaren garaia Ezkerreko indarrek konstituzioz aldatzea eskatu dute, herrialdeko eredu sozioekonomikoa aldatzeko urrats garrantzitsua izango delakoan. Hain justu, gizarte desberdintasunen kontrako herritarren protestek bultzatuta egin da igandeko galdeketa. Iazko udazkenean lehertu ziren: metro bidaiak garestitu egingo zirela iragarri zuen Txileko Gobernuak, eta erabiltzaile askok eta askok ordaintzeari uko eginez erantzun zuten. Mobilizazioak han eta hemen piztu ziren aste batzuetan. Hain justu, Txilen, demokrazia garaian inoiz izan den manifestaziorik handiena egin zuten Santiagon, urriaren 25ean, eta handik urtebetera egin da konstituzioari buruzko bozketa. Azaroaren 15ean, greba orokor baten eta dozenaka hildakoren ondoren, gobernuak eta oposizioak adostu zuten galdeketa egitea. Txile nazioartean hainbatetan goraipatu dute haren eredu ekonomikoarengatik eta diktaduratik demokraziarako trantsizioarengatik, baina iazko protestek eredu horren porrota utzi zuen agerian, kritikoen iritziz. Protesta mugimenduak gizarte desberdintasunen oinarri juridikotzat zeukan 1980ko konstituzioa, Pinocheten agindupean Jaime Guzman UDI alderdiaren fundatzaileak egindakoa. Izaera neoliberala egotzi diote testuari, zerbitzu publikoen pribatizazioa sustatzen duela iritzita. Orain, beraz, beste lehia politiko bat hasiko da, hemendik urte erdira hautatuko baitituzte konstituzioa idatziko duen batzordea osatuko duten 155 herritarrak. Apirilaren 11n izango dira horretarako bozak. Batzordea genero parekidetasunaren irizpideari jarraituz eratu beharko da, eta argitzeko dago herri indigenentzat aulki kopuru jakin bat gordeko den ala ez. Hautatuak diren batzarkide konstituziogileek bederatzi hilabeteko epea izango dute konstituzio bat idazteko. Behar izatekotan, hiru hilabeteko luzapena eskatzeko aukera izango dute. Bide orriak dio konstituzio berriko atalak bi hereneko gehiengoarekin onartu beharko dituela batzordeak. Horrek akordio zabaletara eta negoziazio malguetara behartuko ditu batzarkideak. Testua amaitu eta onartutakoan, Txileko presidenteak plebiszitu batera deitu beharko du —2022an izango da, epeak betetzen badira—, eta herritarrek bozketa horretan erabakiko dute konstituzio berriari onespena eman ala ez.
2020-10-26
https://www.berria.eus/albisteak/188809/ia-gipuzkoa-osoa-gune-gorrian-dago.htm
Gizartea
Ia Gipuzkoa osoa «gune gorrian» dago
Bizkaiko eta Gipuzkoako 39 herrik 100.000 biztanleko 500 kasu baino gehiago izan dituzte azken hamalau egunetan. Donostia da horietako bat.
Ia Gipuzkoa osoa «gune gorrian» dago. Bizkaiko eta Gipuzkoako 39 herrik 100.000 biztanleko 500 kasu baino gehiago izan dituzte azken hamalau egunetan. Donostia da horietako bat.
100.000 biztanleko 500 kasu positibo baino gehiago izatea iragan hamalau egunotan: hori da COVID-19aren datuen eboluzioa neurtzeko mugetako bat, eta asteburuan Bizkaiko eta Gipuzkoako hamabi herrik pasatu dute muga hori: Abantok, Zornotzak, Galdakaok, Muskizek (Bizkaia), Donostiak, Errenteriak, Irunek, Lasarte-Oriak, Mutrikuk, Oiartzunek, Usurbilek eta Villabona-Amasak (Gipuzkoa). Aldiz, zerrendatik ateratzea lortu du Lekeitiok (Bizkaia), datu hobeak dituela eta. Egoera ikusita, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidentea neurri gehiago iragartzekoak dira arratsaldean. Beraz, gune gorri deiturikoak dira horiek ere, eta Eusko Jaurlaritzak aparteko prebentzio neurriak hartu beharko dituzten udalerrien zerrendan sartuko ditu. Besteak beste, taberna eta saltokiak 21:00etan itxi behar dituzte toki horietan. Koronabirusa kolpea jotzen ari da, batez ere, Bizkaiko eta Gipuzkoako herrietan. Horren erakusgarri da Eusko Jaurlaritzak gune gorrian sartu dituen herri kopurua. Guztira, 39 dira intzidentzia altuena duten herri handiak: Abadiño, Abanto, Zornotza, Durango, Elorrio, Ermua, Galdakao, Muskiz, Ortuella (Bizkaia), Andoain, Arrasate, Astigarraga, Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Bergara, Deba, Donostia, Eibar, Elgoibar, Errenteria, Hernani, Irun, Lasarte-Oria, Lazkao, Legazpi, Lezo, Mutriku, Oiartzun, Oñati, Ordizia, Pasaia, Tolosa, Urnieta, Urretxu, Usurbil, Villabona-Amasa, Zumaia eta Zumarraga. Hau da, Gipuzkoan, 5.000 biztanletik gorako herrien artean, Orio, Hondarribia, Zarautz eta Aretxabaleta bakarrik daude zerrendatik kanpo. Denera, 739.000 herritarri baino gehiagori eragiten diete neurri bereziek. Gipuzkoakoak dira gehien-gehienak. 100.000 biztanleko positibo kopuruan ere badago aldea. Milatik gorakoa da Gipuzkoako zenbait herritan: Astigarragan (1.100), Azkoitian (1.176), Azpeitian, (1.647), Beasainen (1.725), Lezon (1.049), Ordizian (2.046), Urnietan (2.294), Urretxun (1.029) eta Zumaian (1.537). Donostia izan da egoera horretan dagoen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lehen hiriburua: 100.000 biztanleko 545 kasu ditu. «Zuhur» jokatu behar dela esan du Eneko Goia alkateak: «Era arduratsuan egokitu behar dugu errealitate berrira». Bilboko datuak ere gero eta okerragoak dira, eta 100.000 biztanleko 443 kasu dituzte. Gasteizko zenbakiak apalagoak izan arren, 100.000 biztanleko 366 positibo dituzte dagoeneko. Donostia ospitaleko egoera ere hizpide izan du hiriko alkateak: pazienteen «intzidentzia» handia dela onartu du, baina «ahalmena» baduela oraindik egoerari erantzuteko. Ospitaleko datuen eboluzioari begira «kezka» ukaezina dela adierazi du. Positiboak atzemateko baheketa «masiboak» hainbat tokitan egitea erabaki du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Halakoak Donostian egiteak «zailtasuna» duela onartu du Goiak, biztanle kopurua handiagoa delako. Hala ere, osasun agintarien irizpideak beteko dituztela adierazi du.
2020-10-26
https://www.berria.eus/albisteak/188810/nafarroan-501-kasu-atzeman-dituzte-eta-positibo-tasa-158-da.htm
Gizartea
Nafarroan 501 kasu atzeman dituzte, eta positibo tasa %15,8 da
Bezperan baino ia 200 positibo gutxiago atzeman dituzte igandean eginiko 3.167 proben bidez. EAEn 940 zenbatu dituzte, egindako proba guztien %8,9.
Nafarroan 501 kasu atzeman dituzte, eta positibo tasa %15,8 da. Bezperan baino ia 200 positibo gutxiago atzeman dituzte igandean eginiko 3.167 proben bidez. EAEn 940 zenbatu dituzte, egindako proba guztien %8,9.
Nafarroako Gobernuko behin-behineko datuen arabera, COVID-19aren 501 positibo erregistratu dituzte atzo eginiko PCR proben bidez; hau da, aurreko egunean baino 197 gutxiago. Atzo, izan ere, orain arteko positibo kopururik handiena detektatu zuten herrialdean: 698. Positibo tasa ere bigarren olatuko handiena izan zen: %20tik gorakoa. Igandean, 3.167 PCR proba eta antigeno test egin ziren Nafarroan, eta positibo tasa %15,8ra jaitsi da. EAEri dagokionez, 940 positibo zenbatu zituzten atzo egindako testetan, aurreko egunean baino 60 gutxiago. Positibo guztietatik 67 Araban, 477 Bizkaian eta 381 Gipuzkoan izan dira; 15 EAEtik kanpora bizi direnen artean zenbatu dituzte. Igandean 10.580 proba egin zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, aurreko egunean baino 500 gutxiago. Proben positibo tasa %8.9 da; aurreko egunetakoaren antzerakoa mantentzen da. Ostiral gauean sartu zen indarrean etxeratze agindua Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan eta, atzo gauean, Euskal Herriko gainerako herrialdeetan.
2020-10-26
https://www.berria.eus/albisteak/188811/aebetan-53-milioi-herritarrek-bozkatu-dute-dagoeneko.htm
Mundua
AEBetan 53 milioi herritarrek bozkatu dute dagoeneko
Aurrez zenbatek bozkatu duten kontuan hartuta, parte hartzea %60raino igoko dela iragarri dute adituek.
AEBetan 53 milioi herritarrek bozkatu dute dagoeneko. Aurrez zenbatek bozkatu duten kontuan hartuta, parte hartzea %60raino igoko dela iragarri dute adituek.
Egunerokoan, kanpainan eta bozketan ere eragiten ari da koronabirusaren krisia. Izan ere, kutsatzeen beldur aldez aurrez bozkatzea erabaki dute milioika estatubatuarrek, eta astebururako 53 milioi ziren bozkatzera joandako herritarrak AEBetan, inoiz baino gehiago. Datu horiek kontuan hartuta, Floridako Unibertsitateko Hauteskunde Proiektua bultzatzen duen Michael McDonaldek iragarri du balitekeela parte hartzea %60raino igotzea aurten. Adituek diote, ordea, aldez aurreko parte hartzea Donald Trumpen kalterako izan daitekeela. Izan ere, inkestetan bigarren tokian joanik, tarte gutxiago izango du herritarrak bere aldera erakartzeko, haietako askok bozen eguna baino lehen bozkatzen badute. Beste toki askotan bezala, Coral Gablesen ere ilara luzeak egin dituzte herritarrek bozkatzeko. Bozkalekuaren kanpoaldean demokratak eta errepublikanoak batu dira, zalantzan geratzen diren bakanak bereganatzeko asmoz. Kanpaina gogorra izaten ari da, besteak beste, lehia estua iragartzen baitute komunikabideek, eta, duela lau urte gertatutakoa gogoan (Hilary Clinton jotzen zuten inkestek garaile), inor gutxik sinesten baitu inkestetan. Florida da, 29 ordezkarirekin, jokoan diren estatuetako bat. Han, bost punturen aldea ematen diote inkestek Joe Biden hautagai demokratari. Miamiko barrutia da haren aldeko jarrerarik argiena duena, baina inguruko barrutiak eta batez ere iparraldekoak gorriz margotuta ageri dira, Trumpen koloreaz.
2020-10-26
https://www.berria.eus/albisteak/188812/itzuli-handietako-hirukoa-osatu-du-ion-izagirrek.htm
Kirola
Itzuli handietako hirukoa osatu du Ion Izagirrek
Astana taldeko txirrindulari ormaiztegiarrak Espainiako Vueltako seigarren etapa irabazi du, eta, horri esker, gutxienez saio bat eskuratu du hiru itzuli handietan.
Itzuli handietako hirukoa osatu du Ion Izagirrek. Astana taldeko txirrindulari ormaiztegiarrak Espainiako Vueltako seigarren etapa irabazi du, eta, horri esker, gutxienez saio bat eskuratu du hiru itzuli handietan.
Balentria egin zuen igandean Ion Izagirrek (Astana) Espainiako Vueltako seigarren etapa irabazita. Batetik, erremate ikusgarria eman zion Gorka anaia eta taldekideak Formigaleko igoeran egindako lan bikainari. Bestetik, garaipena lortuta, marka ezarri zuen: gutxienez etapa bat irabazi du hiru itzuli handietan. Izagirre anaia gazteenaren kasuan, etapa bat irabazi du Italiako Giroan (2012an), beste bat Frantziako Tourrean (2016an) eta beste bat Espainiako Vueltan. Hori egin duen 101. txirrindularia da, eta bosgarrena Euskal Herriko txirrindularien artean: Miguel Mari Lasak, Marino Lejarretak, Aitor Gonzalezek eta Juanma Garatek egin dute aurretik. Pozarren zegoen Ion Izagirre etapa amaieran. "Oso pozik nago. Etapa zaila izan da, baina Gorkak oso lan ona egin du amaieran. Hiru kilometro falta zirela zioen pankarta ikusi, eta kale edo bale egiteko unea zela erabaki dut. Saiatu naiz, eta garaipena lortu dut. Garaipen honek lasaitasuna emango dit, urte gorabeheratsua egin baitut. Orain, lasaiago aritu naiteke". Sailkapen nagusiari dagokionez, Richard Carapaz (Ineos) da lider berria. Hugh Carthy (Education First) da bigarren, hemezortzi segundora; Dan Martin (Israel) hirugarren, 20ra; eta Primoz Roglic (Jumbo) laugarren, 30era. Gorka Izagirre da lehen euskal txirrindularia, hamabigarren postuan, 3.19ra. Gaur atseden eguna dute Vueltan, eta, bihar, zazpigarren etapa jokatuko dute. Euskal Herrian jokatuko da osorik. Gasteizen hasiko da, eta Uribarri-Gaubean amaituko da. Txirrindulariek 159,7 kilometro egingo dituzte, eta bitan igoko dute Urduña lehen mailako mendatea. Ez da ikuslerik izango igoeratan.
2020-10-26
https://www.berria.eus/albisteak/188813/artolazabalek-esan-du-giza-eskubideak-errespetatuko-dituen-espetxe-eredu-bat-bultzatuko-duela.htm
Gizartea
Artolazabalek esan du giza eskubideak errespetatuko dituen espetxe eredu bat bultzatuko duela
Indarkeria matxistaren biktimen prebentziorako eta arretarako aurrekontua %30 handituko du Eusko Jaurlaritzak legealdi honetan.
Artolazabalek esan du giza eskubideak errespetatuko dituen espetxe eredu bat bultzatuko duela. Indarkeria matxistaren biktimen prebentziorako eta arretarako aurrekontua %30 handituko du Eusko Jaurlaritzak legealdi honetan.
Eusko Legebiltzarrean legealdirako asmoak azaldu ditu Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketarako sailburuak gaur goizean. Azaldu du legealdi berriaren erronketako bat izango dela espetxe instituzioen transferentzia kudeatzea —martxorako aurreikusi dute transferentzia eskualdatzea— eta Artolazabalek esan du bere departamenduak legebiltzarrak zehaztutako «bide orriari» jarraituko diola eta eskumena transferitzen denean, «gizarteratzea» oinarri duen espetxe eredua martxan jarriko duela. Jaurlaritzaren helburua da «giza eskubideak errespetatuko dituen espetxe eredu gizatiarrago bat» lortzea, sailburuak nabarmendu duenez. Giza eskubideen esparruan, «adiskidetzean» eta «bakean» aurrera egin nahi du Artolazabalek, eta «biktima guztien» eskubideak bermatu nahi ditu. «Biktima guztiek izango dute lehentasuna: ETAren terrorismoaren biktimek, eta baita GALen, Batallon Vasco Españolen eta eskuin muturraren eta terrorismo jihadistaren biktimek ere». Zehaztu du biktima guztiak aintzat hartuko dituztela, inor baztertu gabe, baina giza eskubideen urraketak «parekatu gabe». «Legegintzaldi honek giza eskubideen urraketen biktima guztiak aitortzeko eta erreparatzeko legealdia izan behar du» , azaldu du. Baina argi utzi du «ETAren biolentzia eta zentzugabekeria» izan dela hamarkada luzez izan den giza eskubideen urraketarik «larriena». Halaber, datozen lau urteetan memoria «kritikoa eta autokritikoa» sustatuko ditu Jaurlaritzak, eta Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluaren eta Gogora Institutuaren lana funtsezkoa izango da helburu hori lortzeko, Artolazabalek azpimarratu duenez. Memoria «inklusiboa» lortzeko, berriz, hainbat proiektu martxan jarriko dira legealdi honetan: Gernikako Bake Museoaren erakusketa proiektua eta diskurtsoa berrituko dute, eta Gasteizen Martxoaren 3ko memoria zentroa sortuko dute. Berdintasuna Gizon eta emakumeen arteko berdintasun politiken zeharkotasunari bultzada emango diola azpimarratu du Artolazabalek. Hainbat plan eta proiektu iragarri ditu: emakume biktimentzako berehalako laguntza juridikorako diru saila %20 handituko dute, eta indarkeria pairatu duten emakumeak artatzeko epaitegien instalazioak egokituko dituzte, biktimak eta erasotzaileak bereizteko. Era berean, Artolazabalek iragarri du legealdi honetan aurrekontua %30 handituko dutela indarkeria matxistaren biktimen prebentziorako eta arretarako; urtero, gutxienez 30 milioi euro bideratu nahi dute arlo horretara. Halaber, jakinarazi du emakumeen eta gizonen berdintasunaren eta emakumeen aurkako indarkeriaren behatokia sortuko duela. Bestalde, Zerbitzu Sozialen Euskal Sistema «indartuko» duela iragarri du, eta, arlo horretan, zaintzaren aldeko gizarte itun bat sustatuko duela Emakunderekin.
2020-10-26
https://www.berria.eus/albisteak/188815/baionako-ospitaleak-plan-zuria-aktibatuko-du.htm
Gizartea
Baionako ospitaleak Plan Zuria aktibatuko du
Suspertze zerbitzua betetzen ari da. Guztira 27 paziente daude Ipar Euskal Herriko ospitaleetan.
Baionako ospitaleak Plan Zuria aktibatuko du. Suspertze zerbitzua betetzen ari da. Guztira 27 paziente daude Ipar Euskal Herriko ospitaleetan.
Ipar Euskal Herrian okerrera egin du egoerak, eta, epidemiari aurre egiteko, Baionako ospitaleak Plan Zuria aktibatuko du ondoko orenetan, Eskualdeko Osasun Agentziaren arabera. Plan horri esker, larrialdikoak ez diren ebakuntzak atzeratzen ahalko dituzte, eta zerbitzuak berrantolatzen ahalko dituzte, ohe gehiago lortzeko. Guztira, 23 pertsonak dute gaitza ospitalean; horietarik zortzi suspertze zerbitzuan dira. Hamazazpi ohe badira Baionako ospitaleko suspertze zerbitzuan, baina, COVID-19 gaitza ez duten beste paziente batzuk ere badirenez, «laster saturaziora» helduko da zerbitzua. Baionako ospitaleak Ipar Euskal Herrian dituen beste egituretan ere badira kasuak: Donibane Lohizunen (Lapurdi) eta Donibane Garazin bana, eta Donapaleun (Nafarroa Beherea) bi. Horrez gain, bi zahar etxetan atzeman dituzte agerraldiak. UPPA Paue eta Aturri Herrialdeetako Unibertsitateak Baionan eta Angelun (Lapurdi) dituen campusetan ere atzeman dituzte agerraldiak. Pirinio Atlantikoetako Departamenduko intzidentzia tasa —100.000 biztanletik zenbat diren positibo— azkarki emendatu da asteburuan. Ositral arratseko datuetan 254 zen, eta atzo 339ra heldu da. Iragan ostiraletik etxeratze agindua bete behar dute herritarrek, 21:00etatik 06:00ak arte. Ostatuak ere itxi egin dituzte.
2020-10-26
https://www.berria.eus/albisteak/188816/oxforden-garatzen-ari-diren-txertoak-adinekoei-immunitatea-sortzen-diela-esan-dute.htm
Gizartea
Oxforden garatzen ari diren txertoak adinekoei immunitatea sortzen diela esan dute
Hainbat adituk ondorioztatu dute T zelulak sorrarazten dituela; uste dute txertoaren «etorkizun oparoaren» seinale izan daitekeela hori
Oxforden garatzen ari diren txertoak adinekoei immunitatea sortzen diela esan dute. Hainbat adituk ondorioztatu dute T zelulak sorrarazten dituela; uste dute txertoaren «etorkizun oparoaren» seinale izan daitekeela hori
COVID-19aren kontrako txertoa lortzeko ikerketen gaineko albisteek ez dute etenik. Aditu askoren arabera aurreratuen dagoen egitasmoetako batetik heldu da Azken lerroburua: Oxfordeko Unibertsitatea Astrazeneca botika enpresarekin batera garatzen ari den txertoak adineko pertsonei eritasunaren kontrako immunitatea sorrarazten diela jakinarazi dute. Adineko pertsonak bereziki kalteberak dira eritasun honen aurrean, eta, ondorioz, oihartzun handia izan du berriak. Financial Times hedabidearen bidez zabaldu da albistea. Hainbat adituri galdera egin die ikerketa horren gaineko azken berritasunen arabera, eta, horien iritziz, txertoak «etorkizun oparoa» izan dezakeela adierazteko motiboak badira; izan ere, ikusi dute 55 urtetik gorako pertsonei «immunitate on bat» garatzen laguntzen diela. T zelulak ikusi dituzte, alegia, kutsatutako zelulak atzemateko eta hiltzeko xedea duten antigorputzak. Txertoa lortzeko ikerketa hori hirugarren fasean dago; alegia, txertoa onartzeko prozesuaren azken epean. Milaka pertsonari jartzen zaie txertoa azken fase horretan, eta, era horretan, egiaztatu egin behar izaten da segurua eta eraginkorra dela. Soilik fase hori gainditu eta gero ematen da aukera txertoa jartzen hasteko.
2020-10-26
https://www.berria.eus/albisteak/188817/geogheganentzat-loria-giroan.htm
Kirola
Geogheganentzat loria Giroan
Ineoseko txirrindulariak 39 segundo atera dizkio azken erlojupekoan Jai Hindleyri, eta lasterketa irabazi du. Pello Bilbao bosgarren izan da azkenean.
Geogheganentzat loria Giroan. Ineoseko txirrindulariak 39 segundo atera dizkio azken erlojupekoan Jai Hindleyri, eta lasterketa irabazi du. Pello Bilbao bosgarren izan da azkenean.
Bukatu da inoizko amaiera parekatuena izan duen Giroa, eta Tao Geogheganentzat izan da azken elastiko arrosa preziatua. "Sizliatik irten ginenean, ez nuen sekula pentsatuko Giroa irabaziko nuenik. Beti egin dut amets halako lasterketa handi batean lehen hamarren artean sailkatzearekin. Baina irabaztea izugarria da". Hunkituta eta pozik mintzatu da britaniar txirrindularia. Pello Bilbao bosgarren izan da. Azken erlojupekoan 39 segundo atera dizkio Geogheganek Tai Hindley (Sunweb) bigarren sailkatuari. Biak denbora bera eginda iritsi dira etapa erabakigarrira. Lehen hiru kilometroetan denbora bera egin dute, baina helmugarako geratzen ziren hurrengo 12 kilometroetan aurreikuspenak bete ditu Geogheganek. Bera zen faborito. Aurretik hamar erlojupekotan neurtu zituzten indarrak biek, eta zortzitan Ineosekoa izan zen nagusi. "Kirol zuzendariak erlojupeko guztian esan dit denbora ateratzen ari nintzela. Amaiera aldera, aipatu dit ez arriskatzeko, eta orduan jabetu naiz gauzak benetan ondo zihoazela". Ineosek poz bikoitza izan du, etapa Fillippo Gannarentzat izan baita. Geoghegan pixkanaka joan da landuz bere kirol ibilbidea. 10 urte bete arte, futbola zuen gustuko. Arsenalen zalea da, eta atezain izatea zuen gustuko. Baina, gero, eskularruak bizikletarengatik aldatu zituen. Pazientzia izan du profesionaletara igotzeko. 23 urtez azpiko mailan zenean ez zen itsutu, eta une erabakigarrian eman zuen pausoa Giroan, Pello Bilbao izan da lehen euskal herritarra, bosgarren. "Azken unera arte sinetsi dugu podiuma lortzea posible zela. Ez dugu lortu, baina garaipen bat balitz bezala ospatuko dut. Harro nago Tourrean eta gero Giroan halako maila ona eman dudalako. Helburuak bete ditut, eta eskertuta nago taldeari", adierazi du Bahraineko txirrindulariak.
2020-10-26
https://www.berria.eus/albisteak/188818/pello-jauregi-ikerlariak-jasoko-du-abbadia-saria.htm
Gizartea
Pello Jauregi ikerlariak jasoko du Abbadia saria
Euskaraldiaren teorizatzaile gisa Jauregik egindako ekarpena aitortu nahi diote, bere gogoetaren bidez "euskararen hedapenerako aukera neurtezinak" bideratu dituelako.
Pello Jauregi ikerlariak jasoko du Abbadia saria. Euskaraldiaren teorizatzaile gisa Jauregik egindako ekarpena aitortu nahi diote, bere gogoetaren bidez "euskararen hedapenerako aukera neurtezinak" bideratu dituelako.
II. Euskaraldia egieko atarian, Gipuzkoak Aldundiak saritu egingo du ariketa soziologiko hori egin ahal izateko oinarri teorikoa jarri zuen ikerlaria. Pello Jauregi, hain zuzen. “Merezimendu osoz” jasoko du saria, Garbiñe Mendizabal Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak gaur goizean azaldu duenez. Azaroaren 27an emango diote. Menbizabalek arrazoi hauek eman ditu Jauregi saritzeko: “Euskararen hedapenerako aukera neurtezinak sortu ditu, eta egin dituen gogoeta eta ikerketa horietatik dinamika sozial bat sortzeko gaitasuna izan du; konbinatu egin ditu ikerketa teorikoa eta praktika, ulermenaren gaineko ikerketan aritu baita, eta hori lortzeko klaseak emateraino iritsi da; bere ikerketarekin, oinarri sendo bat eman dio gizarte ekimenari: ikertu, egin, neurtu eta ebaluatu”. Soziolinguistika Klusterrak martxan jarritako Aldahitz ikerketaren zuzendaria da Jauregi, besteak beste. Hau da, hizkuntza ohituretan aldaketak izateko zein aldagaik parte hartzen duten aztertu dute, eta metodologia bat sortu horiek bideratzeko. Eusle metodologia horren erakusle da. Horrek eragina izan zuen Euskaraldiaren oinarrian, baita Lasarte-Orian (Gipuzkoa) 2016an egindako Baietz 40 egun euskaraz herri erronkak ere, eta horri buruz Jauregik egindako ikerketa oinarri esanguratsua izan zen ariketa sozialerako. Horietan guztietan izan duen parte hartzeagatik sarituko du aldundiak.
2020-10-26
https://www.berria.eus/albisteak/188819/bilboko-portuak-jardunaren-erdia-galdu-du-zamaketarien-grebaren-eraginez.htm
Ekonomia
Bilboko portuak jardunaren erdia galdu du zamaketarien grebaren eraginez
Bilbo Estibak emaniko datuen arabera, industriarako hornikuntza lanen %90 ez dira egin, piketeen ondorioz. Zamaketariek ezin izan dute greba egin gaur.
Bilboko portuak jardunaren erdia galdu du zamaketarien grebaren eraginez. Bilbo Estibak emaniko datuen arabera, industriarako hornikuntza lanen %90 ez dira egin, piketeen ondorioz. Zamaketariek ezin izan dute greba egin gaur.
Bilbo Estibak, Bilboko portuko lau zamaketa enpresak bateratzen dituen elkarteak, zamaketarien grebaren lehen bi asteen eragina kuantifikatu du, eta, haren datuen arabera, jardunaren erdia galdu du: «Urriaren 9tik 22ra, eta aurreko hamabostaldiarekin alderatuta, merkantzia orokorraren mugimendua %46 apaldu da, eta edukiontziena, %45». Zamaketarien greba urriaren 9an hasi zen, eta 24 orduko (hamabi egunez) eta txandako bi orduko lanuzteak tartekatu dituzte. Tartean zerbitzu minimoak bete dituzte, eta aldi baterako zamaketarien lan poltsa historikoan ez zeuden langileak deitu dituzte enpresek. Zamaketarien bigarren grebaldia hasi den egunean eman ditu datuak Bilbo Estibak. Portuak jakinarazi duenez, azken hamabost egunetan hamasei ontziren eskala galdu du, «aurreko bi asteetan baino %18 gutxiago sartu dira». Ontzi asko Gijon eta Santanderrera (Espainia) desbideratu dituzte, baina portu horien lan ahalmena txikiagoa da. Bilbo Estibak oharrean jakinarazi duenez, kalte handiena izan duten jardunetako bat industriarako hornikuntza izan da: «Piketeen ondorioz, ezin izan dira egin lan horien %90». Jardun horiek gutxieneko zerbitzuetatik kanpo daude. Bilbo Estibak nabarmendu du gatazkak eragin handia izan duela lurreko garraiolarien kargatze eta deskargatze erritmoan: «egun batzuetan ia %100eko etenaldia egon da». Horrez gainera, esan du grebak ondorio «oso larria» izango duela euskal ekonomiarentzat: «Merkantzien bahiketak arriskuan jartzen du enpresen jarduna. Haien ekoizpen erritmoaren oinarria etengabeko hornikuntzan dago —modu eraginkorrean egina, biltegiak bete gabe—, eta orain kate hori hautsita dago». Greba egin ezinda Zamaketariek greba deialdiaren bigarren aldiari ekin behar zioten astelehenez. Hurrengo bi asteetarako deialdia egina dute, txanda bakoitzeko orduen erdiak lan egiteko asmoz. Lehen egunean, baina, ezin izan dituzte egin lanuzteak, agintaritzak gutxieneko zerbitzu izendatu baititu portuan zain zeuden itsasontzi guztiak. Atsedena ez zegokien zamaketari guztiek txanda osoan egin dute lan. Era berean, eta joan den astean egin bezala, ez dituzte lanera deitu lan poltsa historikoko aldi baterako langileak. Gehienek hamabi urte daramatzate behin-behinean lanean. Zamaketariek eta Bilbo Estibako enpresek bilera telematikoa dute asteartean, eta Lan Harremanen Kontseiluak egingo ditu artekaritza lanak. Zamaketariek salatu zuten aldi baterako langile batzuk beraiei zegozkien lanak egiten ari zirela, eta, hasiera batean puntu hori eztabaidatzeko zen arren bilera, LHK-k grebarena gehitzea onartu du. Bi aldeak agertzera behartuta daude. Ia hilabete da ez dutela bilerarik egin.
2020-10-26
https://www.berria.eus/albisteak/188820/ostiralean-abiatuko-da-fantasiazko-eta-beldurrezko-zinemaren-31-astea.htm
Kultura
Ostiralean abiatuko da Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 31. Astea
Azaroaren 6ra bitarte, 50 proiekzio inguru izango dira: generoko urteko ale nabarmenetako batzuk, klasikoak eta baita beste zenbait jarduera ere. Emanaldi guztiak 21:00 baino lehen amaituko dira.
Ostiralean abiatuko da Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 31. Astea. Azaroaren 6ra bitarte, 50 proiekzio inguru izango dira: generoko urteko ale nabarmenetako batzuk, klasikoak eta baita beste zenbait jarduera ere. Emanaldi guztiak 21:00 baino lehen amaituko dira.
Zonbiak, amesgaiztoak, alegiazko pertsonaiak, eta, batez ere, panpinak. Panpina madarikatuak. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 31. Asteak bueltan ekarriko du generoaren berezko unibertso hori ostiraletik aurrera Donostiara. Peninsula filmak (Yeon Sang-ho, Korea) emango dio hasiera, eta Mandibules (Quentin Dupieux, Frantzia) lanak itxiko du, azaroaren 6an. Bi daten artean, fantasiazko zinemak aurten utzi dituen alerik aipagarrienetako batzuk, film luzeak zein laburrak, eta generoko hainbat klasiko emango ditu jaialdiak. Erakusketek eta bestelako egitasmoek hedatuko dute giroa pantailetatik harago, eta, Josemi Beltran jaialdiaren zuzendariak esan duenez, baliteke kartelean ageri den Nino panpina ere hiritik agertzea, aurtengo protagonistetako bat. Pandemiak eragindako ziurgabetasunak ere zeharkatu du jaialdia, eta, egokitzapenak egokitzapen, arduradunak pozik azaldu dira egitera iristeagatik. 18 film luzek eta 33 laburrek osatuko dute aurten Sail Ofiziala, eta programazio horrek berak aurrera egiten lagundu diela adierazi du Beltranek: «Maila handiko genero zinema baita aurtengoa, nazioartekoa». Sitgesen saritutako lan «gehienak» erakutsiko dituztela aipatu du, eta, film luzeen kasuan, gehienak Europakoak direla zehaztu du. «Aurtengo proposamen interesgarrienak Frantziatik edo Hungariatik datoz, adibidez. Zuzendari berriak, generoari errespetuz, ekarpen berriak egiten dituztenak; La Nuéé [Just Philippot, Frantzia] edo Le Dernier voyage de Paul W. R [Romain Quirot, Frantzia] filmen kasuetan bezala». Quiroten pelikulako zientzia fikziotik, Tailgate-n beldurrezko istorio «arruntenera» (Lodewijk Crijns, Herbehereak, 2019) zein Host-ek (Rob Savage, Erresuma Batua) erakutsiko duen ezohiko egoerara egingo du jaialdiak —konfinamenduan eta Zoom bidezko elkarrizketa batean sortzen da tentsioa Savageren lanean—. Umoreari ere egingo dio leku, Benni Loves You (Karl Holt, Erresuma Batua) eta Sky Sharks (Marc Fehse, Alemania) filmekin, esaterako, eta, horregatik eskaintza guztiaren «pluraltasuna» azpimarratu du zuzendariak. Jaialdiaren egoitza nagusiak Antzoki Zaharra eta Viktoria Eugenia izango dira, eta epaimahai ofiziala Caye Casas zinema zuzendariak, Desiree de Fez kazetariak eta Valeria Vegas idazleak osatuko dute aurten. Inguratzen duten sailak Sail ofiziala den erakusleiho nagusiaren bi aldetara, animaziozko film laburrek saila eta Espainiako film laburren saila ere prestatu ditu jaialdiak.. Lehenengoaren barruan erakutsiko dira, besteak beste, Marc Riba eta Anna Solanas katalanen Candela, Robin Jensen norvegiarraren Farce eta Coke Rioboo madrildarraren Mad in Xpain. Guztiak emanaldi bakarreko maratoian emango dituzte, azaroaren 2an. Eta berdin Espainiako film laburrekin ere, hurrengo egunean; hor izango dira, hain justu euskarazko hiru lan: Paul Urkijoren Dar-dar, Xanti Rodriguezen Ospel eta Maria Fontanen Zerua hautsi zen gaua. Klasikoak Panpina madarikatuak deitu duten zikloan erakutsiko dira. Aurtengo karteleko Nino panpina aitzakiatzat hartuta, panpinak protagonista dituzten fantasiazko sei film emango dituzte: Attack of the Puppet People (Bert I. Gordon, 1958), Magic (Richard Attenborough, 1978), Freddy. Historias para no dormir (Narciso Ibañez Serrador, 1982), Child's Play (Tom Holland, 1988), Puppet Master (David Schmoeller, 1989) eta Dead Silence (James Wan, 2007). Lehen biak Tabakaleran erakutsiko dituzte, lehen aldiz jaialdiaren historian. Jarduera osagarrien aldetik, bestalde, lau erakusketa izango dira Fantasiazko eta Beldurrezko 31. Zinema astearen barruan. Horien artetik, Okendo Kultur Etxean jada ikusgai dagoen Topic Museoa: Alegiazko izakiak-i egin die azpimarra bai Beltranek eta bai Gipuzkoako Foru Aldundiko Patxi Presak. Tolosako Topic museoko 80 txotxongilo ikusi ahal izango dira bertan, erdiak inoiz erakusgai jarri gabeak. Beste hiru erakusketak hauek dira: Sarima. Mundu magiko bat (Udal liburutegi nagusia), Fernando Mircala: Etorkizun dotorea (Kutxa Kultur plaza) eta Betiereko Juan Gimenez (FNAC). Horrez gain, duela hilabete batzuk zendu zen Javier Agirre zinemagilea omenduko dute, haren film garrantzitsuenetako bat programatuta: El gran amor del conde Drácula (1972). Mikel Pagadik beldurrezko zinemari buruzko bakarrizketa bat ere aurkeztuko du (Beldurted), eta Fanzineen gerra ekimenari jarraipena emango diote. Pandemiak eragindako azken neurriak tarteko, emanaldi guztiak 21:00etarako amaituta izateko moduan antolatu dute egitaraua. Izan ere, Jon Insausti Donostiako Kultura zinegotziak aurreratu du datozen bi hiletan ordu horretarako amaitu beharko direla kultur jarduera guztiak, eta hala adostu dute hiriko kultur eragile ezberdinek. Film guztiak, beraz, behin erakutsiko dituzte, eta sarrerak bihartik aurrera jarriko dituzte salgai, Donostia Kulturaren web orrian. Urriaren 30etik aurrera, bi antzokietako leihatiletan ere erosi ahal izango dira. Filmen zein beste jardueren inguruko xehetasun guztiak euren jaialdiaren webgunean kontsultatu daitezke.
2020-10-26
https://www.berria.eus/albisteak/188821/1441-positibo-zenbatu-dituzte-hego-euskal-herrian.htm
Gizartea
1.441 positibo zenbatu dituzte Hego Euskal Herrian
500 kasu atzeman dituzte igandean Nafarroan, bezperan baino ia 200 gutxiago.
1.441 positibo zenbatu dituzte Hego Euskal Herrian. 500 kasu atzeman dituzte igandean Nafarroan, bezperan baino ia 200 gutxiago.
Positibo tasak altua izaten jarraitzen du Hego Euskal Herrian. Igandean 1.441 kasu zenbatu dituzte; 500 Nafarroan 477 Bizkaian,381 Gipuzkoan eta 67 Araban; 15 EAEtik kanpora bizi direnen artean zenbatu dira. Zenbakiek behera egin dute, batez ere Nafarroan; ia 200 kasu gutxiago zenbatu dira. Maila txikiagoan, baina Araban eta Gipuzkoan ere gutxitu da positibo kopurua; larunbatean 99 izan ziren lehenengoan, igandean baino 30 gehiago, eta 458 bigarrenean, biharamunean baino 70 gehiago. Bizkaia izan da positiboak gehitu dituen herrialde bakarra; larunbatean (449) baino ia hogei kutsatu gehiago zenbatu ditu igandean. Positibo tasak behera egin du nabarmen, Nafarroan; bezperako %20,9tik igandeko %15,8ra. Datuek behera egin badute ere, hamalau eguneko intzidentzia tasak gora egin du Gipuzkoan (739,41), Bizkaian (433,04) eta Araban (439,12). Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, 3.167 proba egin ziren herrialdean; 10.580 izan ziren Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Guztira 407 lagun daude ospitaleratuta, horietatik 126 ZIUetan.
2020-10-26
https://www.berria.eus/albisteak/188822/elak-grebara-deitu-du-azaroaren-17rako-zaintzako-hainbat-sektoretan.htm
Gizartea
ELAk grebara deitu du azaroaren 17rako zaintzako hainbat sektoretan
Hego Euskal Herriko zaintza arloko langileei egin die grebarako deialdia. Zaintza profesionala «publikoa, duina, unibertsala eta doakoa» izan dadila eskatuko dute. LAB «haserre» eta «harrituta» dago ELAk «aldebakartasunez» deitu duelako greba.
ELAk grebara deitu du azaroaren 17rako zaintzako hainbat sektoretan. Hego Euskal Herriko zaintza arloko langileei egin die grebarako deialdia. Zaintza profesionala «publikoa, duina, unibertsala eta doakoa» izan dadila eskatuko dute. LAB «haserre» eta «harrituta» dago ELAk «aldebakartasunez» deitu duelako greba.
ELA sindikatuak grebara deitu du azaroaren 17rako, «lan merkatu formal prekarizatuan egoera bereziki kalteberan dauden pertsonak zaintzeko ardura duten sektoreetan». Horien artean sartzen dira adinekoak, adingabeak, «aniztasun funtzionala» dutenak edo bazterkeria sozialeko arriskuan daudenak zaintzen dituztenak, bertzeak bertze. Etxeko langileak ere izanen dituzte kontuan, nahiz eta ELAk salatu duen ez zaiela greba egiteko eskubiderik «aitortzen», «ezta lan eskubide oinarrizkoenak ere»: «Baina zaintza merkantilizatuaren zati nabarmena hartzen dute, sarri esplotazio eta abusuzko baldintzetan». Zaintzaren sektorea «publikoa, duina, unibertsala eta doakoa» izan dadila eskatuko du ELAk grebaren bitartez. Izan ere, sindikatuak salatu du «pribatizatuta eta merkantilizatuta» dagoela zaintza, «etekin ekonomikoa lehenesten duten enpresa pribatuen esku». Sindikatuak ohartarazi du erakunde publikoek ere hori sustatzen dutela: «Hori guztia, gainera, diru publikoz finantzatuta. Bere burua aurreratutzat duen gizarte batek nolatan onar dezake biziarekin negozioa egitea?». Koronabirusaren testuinguruan zaintza sistemak «eztanda» egin duela uste du ELAk, eta langileak ari direla «ondorioak pairatzen»: «Eurek sostengatzen dute milaka pertsonaren bizia, larrutik ordainduz, esplotazio fisiko, psikologiko eta emozionalaren pean. Egunez egun bizia jokoan jartzen dute, bitarteko oso urriekin, langile kopuru eskasarekin, baldintza latzetan. Gure ahotsa entzunarazi behar da hau berriz gerta ez dadin; aski dela esateko unea iritsi da». Sindikatuak espero du azaroaren 17ko grebak aldaketa «historikoa» ekartzea, eta horren bidez zaintza eredu berri bat sortzea, zeinaren oinarriak izanen baitira «hurbiltasuna, kalitatezko tratua eta pertsonen autonomiarekiko errespetua». Eskaerak Zaintzarekin lotuta, ELAk eskaera zehatzak eginen ditu azaroaren 17ko greban: egoera «bereziki kaltebera» duten pertsonen zaintza zerbitzuak publiko bihurtzea, zuzeneko eta azpikontratatutako enpleguarentzako subrogazioa eta finkatzea bermatzea, 10.000 profesional gehiago kontratatu eta lanaldia %100eraino luzatzea, genero arrakala gainditzeko «taxuzko neurriak» hartzea, zuzeneko arretaren ratioak hobetzea, gaixoaldian dauden langileen ordezkapena lehen egunetik hastea, lan osasuna bermatzeko neurri «egokiak» hartzea eta langileen «osatze emozionalerako» plan bat egitea, «hein batean bederen pandemiaren kalte larriak arintzeko». Azaroaren 17a baino lehen ere protestara deitu du ELAk: hilaren 31n pentsioduneketa feministek deituriko protestekin bat egiteko deia egin du. LAB, harrituta ELAk grebarako deialdia egin eta berehala «haserrea eta harridura» adierazi ditu LAB sindikatuak. Adierazi duenez, ELA eta LAB elkarrekin lantzen ari ziren grebarako deialdi hori: «Onartezina iruditzen zaigu aldebakarrez eta ezkutuan langileek ezagutzen ez duten deialdi bat publiko egitea». LABen ustez, «garai zail hauetan indarrak batu» egin behar dira: «Ez da orain borrokak patrimonializatzeko garaia». LABen ustez, hain zuzen, ELAk bere interesei begiratu die greba deialdia egiterako garaian, eta «langileen bizkar» egin du. «Greba eta mobilizazio bateratuak adosteko» prestasuna adierazi du LAB sindikatuak, «ELArekin zein beste sindikatuekin eta eragile sozialekin».
2020-10-26
https://www.berria.eus/albisteak/188823/beza-jaisteko-eskatu-dute-ile-apaindegiek.htm
Ekonomia
BEZa jaisteko eskatu dute ile apaindegiek
«Ezinbestekoa zerbitzu» bat direla argudiatu dute. Ohartarazi dute hamar establezimendutik sei ixteko arriskuan daudela, eta 25.000 lanpostu kolokan.
BEZa jaisteko eskatu dute ile apaindegiek. «Ezinbestekoa zerbitzu» bat direla argudiatu dute. Ohartarazi dute hamar establezimendutik sei ixteko arriskuan daudela, eta 25.000 lanpostu kolokan.
Ile apaindegietako eta irudi pertsonaleko profesionalek elkarretaratze bat egin dute astelehen honetan, sektorearentzako BEZ murriztua eskatzeko eta aldi baterako enplegu erregulazioetan salbuespenak ezartzeko. Ohartarazi dute neurri horiek hartu ezean hamar establezimendutik seik itxi egingo dutela, eta 25.700 lanpostu baino gehiago galduko direla. EIPEF ile apaindegi eta estetika enpresen federazioak eta Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako irudi pertsonaleko elkarteek deituta, zenbait elkarretaratze egin dituzte Espainiako zerga agentziak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiriburuetan dituen ordezkaritzen aurrean. BEZa %21etik %10era jaisteko eskatu dute, «ezinbesteko zerbitzu» bat ematen dutela argudiatuta. Gogoratu dute beste sektore batzuei ezarri zaiela BEZ murriztua, tartean albaitariei, ehorztetxeei, zinemei, diskotekei eta ikuskizunei, eta lorezainei, 2012an %8tik %21era igo baitzieten. Federazioak ohartarazi duenez, sektoreko negozioen % 57,92k ezingo du 6 hilabete baino gehiago iraun, zehazki 7.380 enpresetatik 4.790ek, eta arriskuan jarriko dira ia 25.500 lanpostu zuzen «eta zeharkako askoz ere gehiago». Azaldu dutenez, honako hau da sektoreko langileen soslaia: autonomoa, emakumezkoa eta gaztea. Eta azpimarratu dute hain justu horiek direla COVID-19k eragindako krisi ekonomikoa gogorren pairatzen ari direnak, «langabeziaren azken zifrek erakusten duten bezala».
2020-10-26
https://www.berria.eus/albisteak/188824/nasak-ilargian-ura-dagoela-baieztatu-du.htm
Bizigiro
NASAk Ilargian ura dagoela baieztatu du
Azken behaketen arabera, satelitean izotz erreserba handiak daude, eta gakoak izan daitezke hara egingo diren misio tripulatuetan. (Bideoa euskaraz ikusteko, aukeratu ezarpenen gurpiltxoan 'Azpitituluak', 'Itzulpen automatikoa', eta hizkuntzaren atalean, 'Euskara')
NASAk Ilargian ura dagoela baieztatu du. Azken behaketen arabera, satelitean izotz erreserba handiak daude, eta gakoak izan daitezke hara egingo diren misio tripulatuetan. (Bideoa euskaraz ikusteko, aukeratu ezarpenen gurpiltxoan 'Azpitituluak', 'Itzulpen automatikoa', eta hizkuntzaren atalean, 'Euskara')
Ur izoztua dago Ilargian. Hori baieztatu du NASA AEBetako Aeronautika eta Espazioaren Agentzia Nazionalak; orain argitaratu ditu 2018ko abuztuaren 31n egindako behaketa batzuen emaitzak, eta, bi urte baino gehiago haiek aztertzen jardun ostean, «zalantzarik gabe» ur izoztua aurkitu dutela ondorioztatu du. Ez gutxi, gainera. Adierazi dutenez, gutxienez 40.000 kilometro koadro hartzen dituzte satelitean ur izoztua duten gainazalek. Nature Astronomy aldizkariak argitaratu ditu ondorio horiek azaltzen dituzten bi argitalpen. Aurkikuntza oso garrantzitsuak izan daitezke aurrerantzean Lurraren satelitera egingo dituzten misio tripulatuetarako; edateko ura eskuratzeko modua egongo dela uste dute orain ikertzaileek. Gogora ekarri dute orain bi urte ja antzeman zituztela zantzuak ondorio honetara heltzeko, baina egiaztapena falta zitzaiela; orain erdietsi dute hori.Aurkikuntzotan erabakigarriak izan dira, besteak beste, Boeing 747SP batetik lortutako irudiak, munduko behaketa zentro altuenetik, 13.000 metroko garaieran; hegazkinean jarritako teleskopioak urak soilik isla dezakeen argi infragorri bat antzeman zuen. Ikertzaileen arabera, Ilargian ez dago isla hori egin dezakeen beste materialik: ura bakarrik. Teleskopioa Clavius kraterrera begira jarri zuten, 200 kilometroko diametroa duen zulo batera, Ilargiko hego polotik gertu. Esan dutenez, lur gramo bakoitzeko 200 mikrogramo ur daude, eta, ondorioz, Ilargian ur litro bat lortzeko astronautek bost tona lur beharko lituzkete. Hala esanda oso ur gutxi dela dirudi, baina zientzialariek nabarmendu egin dute aurkikuntzaren garrantzia: «Ezer ez egotea baino gehiago da». «Tranpa hotzak» dira Kataluniako Espazioko Ikerketetako Institutu IECCko aditu Ignasi Ribasek Efe albiste agentziarentzat egindako adierazpenetan azaldu du atzeman duten ura hauts aleetan eta kristaletan «harrapatuta» dagoela. Kraterretan ez du sekula jotzen Eguzkiak, eta horri esker ura egonkor manten daiteke haietan, izoztuta, betikotu. Tankera horretako lekuei «tranpa hotzak» esaten diete zientzialariek. Ilargian ura dagoela frogatzeko era behin betikoa bertara joatea dela onartu dute zientzialariek, baina ikerkuntzon emaitzek «esperantza handia» sorrarazten dutela. Ilargiko ura Lurrekoaren berdina dela ondorioztatu dute, eta erabilgarria izango dela: «Edan aurretik iragaztearekin nahikoa izango da». 2024. urtean NASAk Ilargirako misio bat egitean jarria du gogoa.
2020-10-26
https://www.berria.eus/albisteak/188826/arabako-bizkaiko-eta-gipuzkoako-herri-guztiak-itxiko-dituzte.htm
Gizartea
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herri guztiak itxiko dituzte
Etxeratze agindua ezarri dute Hego Euskal Herrian 23:00etatik 06:00etara. Bihar sartuko dira indarrean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako neurriak. Nafarroako Gobernuak debekatu egin du batera bizi ez direnak etxeetan elkartzea.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herri guztiak itxiko dituzte. Etxeratze agindua ezarri dute Hego Euskal Herrian 23:00etatik 06:00etara. Bihar sartuko dira indarrean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako neurriak. Nafarroako Gobernuak debekatu egin du batera bizi ez direnak etxeetan elkartzea.
Neurri gogorrak hartu dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Garrantzitsuena mugikortasunari lotutakoa izango da: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrak ezingo dira euren herritik atera. Hainbat salbuespen ezarri dituzte, eta mugitzeko aukera egongo da, besteak beste, kasu hauetan: osasun arta jasotzeko; botikak erosteko; lan egiteko; ikasteko; adinekoak, adingabeak edo menpekotasunen bat dutenak zaintzeko; eta ekintza horiek egiteko ibilgailuari erregaia botatzeko. «Ohiko igarobideko» udalerri mugakideetara ere joan ahal izango dira, jarduera sozioekonomikoak egiteko. Arabatik, Bizkaitik eta Gipuzkoatik ateratzea eta lurralde horietara sartzea ere debekatuta egongo da, orain arte Nafarroarekin gertatzen zen bezala. Herritarrek, lanera doazela ziurtatzeko, Eusko Jaurlaritzak enpresen eskura utzi duen dokumentu bat eduki beharko dute. Eremu publikoan eta pribatuan elkartzeko aukera ere murriztu du Eusko Jaurlaritzak: gehienez sei pertsona bildu ahal izango dira, eta elkarrekin bizi diren pertsonak izango dira salbuespena. Dekretua gaur bertan argitaratzea espero dute, eta horrela bada, bihar 06:00etan jarriko dute indarrean. Neurrien jarraipena eta «etengabeko ebaluazioa» egingo dute gehienez hamabost eguneko epean, eta neurriak, luzatu, aldatu edo bertan behera utzi ahal izango dituzte. Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak eman du neurrien berri. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako egoera «arduratzeko modukoa» dela nabarmendu du. Etxeratze agindua izango da beste aldaketa nagusietako bat Hego Euskal Herrirako: herritarrak ezingo dira kalean ibili 23:00etatik 06:00etara. Salbuespen batzuk ezarri dituzte: kalera ateratzeko aukera egongo da botikak erosteko, erietxera joateko, albaitariarengana larrialdi batekin joateko, lanera joateko, etxera itzultzeko, eta adinekoak, adingabeak edo mendekotasuna dutenak zaintzeko. 00:00etatik 06:00etara ez da garraio publikorik egongo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Ostalaritzari dagokionez, gune gorri izendatu dituztenetan izango da aldaketa bakarra: 21:00etan itxi beharrean, 23:00 arte luzatu ahal izango dute ordutegia. Izan ere, bertan behera geratuko dira orain arteko neurriak. Nafarroako Gobernuak ere dagoeneko zehaztu ditu herritarrek izango dituzten mugak. Besteak beste, debekatu egin dute batera bizi ez diren pertsonak eremu pribatuan elkartzea. Soilik bakarrik bizi direnek eta mendekotasunen bat dutenek izango dute horretarako aukera. Eremu publikoan, berriz, gehienez sei lagun bildu ahal izango dira. Kasuen gorakadaren aurrean, Eusko Jaurlaritzak zein Nafarroako Gobernuak hainbat neurri hartu dituzte azken egunotan. Aurreko asteko asteazken gauerditik Nafarroako sarrera-irteerak itxita daude, eta lanagatik, ikasketengatik edo senide baten zaintza arrazoiengatik soilik sartu edo atera daiteke lurraldetik. Gainera, tabernak eta jatetxeak ere itxi egin zituzten. Eusko Jaurlaritzak, berriz, neurri arinagoak hartu ditu orain arte, eta gaur gogortu egin behar izan ditu. Espainiako Gobernuak ere hartu ditu Hego Euskal Herriko herritarrei zuzenean eragiten dieten neurriak. Atzo alarma egoera onartu zuen Espainiako Gobernuak, eta horrekin batera, baita mugikortasuna mugatu ere, 23:00etatik 06:00etara etxeratze agindua ezarriz. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak erkidego bakoitzaren esku utzi zuen etxeratzeko ordua ordubete aurreratzea edo atzeratzea. Erabaki «orekatuak eta proportzionatuak» hartuko dituztela adierazi zuen Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Laguntza eske Neurri murriztaileak ezartzearekin batera, EH Bilduk azpimarratu du beharrezkoa dela laguntzak ematea gehien kaltetutako sektoreei. «Oraindik ez da horrelakorik gertatu, ezker subiranistak bere jarduera parlamentarioan egiaztatu duen bezala», salatu dute. Koalizio abertzalearen hitzetan, argi dute osasunak izan behar duela lehentasuna horrelako «larrialdi egoera» batean. Neurri murriztaileekin soilik egoera konponduko ez delakoan daude, eta eskatu dute osasunean eta zerbitzu publikoetan inbertitzeko. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzari eta Iñigo Urkullu lehendakariari eskatu diote «ahalik eta lasterren» sortzeko sektorearteko mahai bat, eragile instituzionalek, politikoek, ekonomikoek, sozialek eta sindikalek parte har dezaten, adituekin batera, «irtenbide guztiak denen artean bilatzeko». Ildo beretik jo du Elkarrekin Podemosek ere. Miren Gorrotxategi legebiltzarkideak «erabateko babesa» erakutsi du, baina, neurri ekonomikoak eskatu ditu, galerei aurre egiteko. PSE-EEko legebiltzarkide Idoia Mendiak neurrien beharra azpimarratu du, baita elkarlanerako deia egin ere. Mendiaren arabera, erakundeak elkarrekin lan egiten ari dira, eta alderdi politikoei mintzatu zaie: «Indar politiko guztiei dei egiten diet arduraz jardutera».
2020-10-26
https://www.berria.eus/albisteak/188827/langile-publikoen-soldata-09-igoko-dute-2021ean.htm
Ekonomia
Langile publikoen soldata %0,9 igoko dute 2021ean
Pentsioak ere hein horretan igotzeko asmoa du Espainiako Gobernuak, hori baita espero duen inflazioa.
Langile publikoen soldata %0,9 igoko dute 2021ean. Pentsioak ere hein horretan igotzeko asmoa du Espainiako Gobernuak, hori baita espero duen inflazioa.
Erosteko ahalmenari eusteko sari igoera izango dute datorren urtean langile publikoek Hego Euskal Herrian. Espainiako Gobernuak kalkulatu du prezioak %0,9 handituko direla datorren urtean, eta kopuru horretako igoera iragarri du soldata publikoetan. Azken urteetan bederen, Madrilen ildoari jarraitu diote Hego Euskal Herriko erakundeek, agindu gisa etorri baita. Duela ia bi aste, pentsioak ere %0,9 handituko zituela aurreratu zuen Espainiako Gobernuak. 2010etik 2012ra, erosteko ahalmenaren galera handia izan zuten langile publikoek, prezioak %8 handitu arren, sariak txikitu egin baitzitzaizkien —2010ean, batez beste, %5 jaitsi zizkieten soldatak, eta, 2012an, aparteko soldata bat galdu zuten, geroago askok berreskuratu zuten arren—. 2013-2017ko epean, inflazioa oso apala edo negatiboa izan zen garai batean, erosteko ahalmenean ez zen aldaketa handirik izan, bainak azken hiru urteetank 2010ean galdutakoaren zati bat berreskuratu ahal izan dute. Aurten, esaterako, %2 handitu dizkiete soldatak, baina prezioak, handitu beharrean, txikitzen ari dira (-%0,3 irailera arte).
2020-10-27
https://www.berria.eus/albisteak/188862/jaurlaritzaren-dekretua-indarrean-da-jada-gako-nagusiak.htm
Gizartea
Jaurlaritzaren dekretua indarrean da jada: gako nagusiak
Bart argitaratu dute dekretua EAEko aldizkari ofizialean, eta 06:00etan sartu da indarrean: ezin da udalerritik irten horretarako zehaztutako arrazoirik ezean; ezin dira sei lagun baino gehiago elkartu; eta 23:00etatik 06:00etara ezin da kalean egon. Dekretuaren neurri guztiak, hemen.
Jaurlaritzaren dekretua indarrean da jada: gako nagusiak. Bart argitaratu dute dekretua EAEko aldizkari ofizialean, eta 06:00etan sartu da indarrean: ezin da udalerritik irten horretarako zehaztutako arrazoirik ezean; ezin dira sei lagun baino gehiago elkartu; eta 23:00etatik 06:00etara ezin da kalean egon. Dekretuaren neurri guztiak, hemen.
Gauerdia baino lehen argitaratu du ezohiko zenbakia EAEko aldizkari ofizialak. Atzo arratsean bilera egin zuten erkidegoko erakunde nagusiek, zer neurri hartu zehazteko, eta Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak agerraldi batean iragarri zituen erabaki nagusiak: besteak beste, udalerritik ateratzeko debekua, horretarako zehaztutako salbuespenetarako izan ezik. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak sinatutako dekretua argitaratua dago jada EAEko aldizkari ofizialean, eta 06:00etatik indarrean daude neurri guztiak: hortaz, jada ezin da udalerritik irten justifikaziorik gabe, ezin dira sei lagun baino gehiago elkartu, eta 23:00etatik 06:00etara ezin da kalean ibili. 1. Etxeratze agindua. Espainiako Gobernuak alarma egoera ezartzean egindako proposamena onartu du Jaurlaritzak, eta indarrean dago jada erkidegoan: 23:00etatik 06:00etara ezin da kalean ibili, ez bada salbuespen hauetakoren baterako: lanera joateko, sendagaiak erosteko, medikuarenera edo albaitariarenera joateko, legezko betebeharrak betetzeko, zaintza lanetarako eta «ezinbestekoa» den kasuetarako. 2. Erkidegoko sartu-irtenak. Espainiako Gobernuaren beste proposamen bat ere indarrean jarri du Jaurlaritzak: ezin da erkidegotik irten, salbuespenak kenduta. Hauek dira: lanera joatea, medikutara, ikasketa zentroetara, menpekotasunen bat dutenak eta adinekoak laguntzera edo zaintzera, azterketa ofizialak egitera, epaitegira edo notarioarenera... Zirkulazioari dagokionez, erkidegotik igaro daiteke, baldin eta beste leku batera joateko bidaia baldin bada. 3. Udalerrietako sartu-irtenak. Itxierekin harago jo du Jaurlaritzak, ordea, eta ezarri du norberak bizileku duen herritik ezin duela irten: erkidegoko sartu-irtenetarako salbuespen kasu berberetan ez bada (lanera joan beharra, ikastera, norbait zaintzera...), ezin da beste udalerri batera joan. Agindu horrek badu salbuespen bat, hala ere: «mugakide diren herrien arteko mugikortasuna» onartuta dago, baldin eta helburua bada «banakako gizarte-, ekonomia- eta kirol-jarduerak edo aire zabaleko jarduera fisikoak egitea». 4. Jendea elkartzea. Gehienez sei laguneko taldeak elkar daitezke edozein lekutan izanda ere: toki itxietan eta aire zabalekoetan, pribatuetan eta publikoetan. Sei lagun baino gehiago elkartu daitezke soilik elkarrekin bizi baldin badira. 5. Ostalaritza. Tabernak eta jatetxeak 23:00etarako itxi behar dituzte: ordu horretarako, joan egin beharko dute bezeroek —23:00etatik aurrera ezin da kalean egon—. 06:00ak arte, etxeratze agindua indarrean den arte, ezin dira tabernak ireki. Egun guztietarako ordutegi bera du ostalaritzak: astegunetarako eta jaiegunetarako. Barran kontsumitzea debekatu egin dute, eta une oro maskararekin egon behar dute bezeroek, jateko eta edadeko momentuan soil-soilik kenduta. Ordutegi muga hori ez dute izango gasolindegietako tabernek, baina 23:00etatik 06:00etara garraioko profesionalei soilik eman diezaiekete zerbitzua. Itxita segituko dute diskotekek eta gaueko aisialdiko establezimenduek, non eta ez duten egunean zehar taberna gisa funtzionatzeko baimenik. 6. Elkarte gastronomikoak. Itxita jarraituko dute. 7. Joko eta apustu etxeak. Tabernak bezala, itxita egongo dira etxeratze agindua indarrean den denboran: 23:00etatik 06:00etara. 8. Establezimenduak. Gehieneko edukiera adierazi beharko dute jendaurrean, eta neurriak hartu beharko dituzte segurtasun tartea mantentzeko. Gutxienez hiru aldiz aireztatu behar dute lokala. 20:00etatik 08:00etara ezin dute alkoholik saldu —ostalaritzan, bai—. 9. Azokak. Aire zabalen egiten diren azoketan, gehienez postuen erdiak jarri ahalko dira, eta metro eta erdiko distantzia beharko da postu batetik bestera. Bezeroen joan-etorria ere mugatuta egongo da, distantziari eusteko. 10. Hilbeilak eta ehorzketak. Beilatokietan ezin dira bildu 30 pertsona baino gehiago aire zabalean, eta sei lagun barneko eremuetan. Ehorzketetan eta errausketetan, aire zabalean 30 lagunekoa da muga, eta barruan, hamar lagunekoa. Une oro maskara erabili beharko da. 11. Kultu lekuak. Ohiko edukieraren erdia bete ahalko da gehienez, eta metro eta erdiko distantzia beharko da pertsona batetik bestera. 12. Kultur jarduerak. Erdira jaitsi beharko dute ekitaldia egin nahi den lekuko edukiera, eta ezin izango dira 400 lagun baino gehiago elkartu —aire zabalean, 600 lagun—. Metro eta erdiko distantzia beharko da publikoan daudenen artean —elkarrekin bizi direnek aukera izango dute elkarren alboan jartzeko—. 13. Kirola. Dekretuak hau dio: «Taldeko edozein kirol jarduera eten egiten da. Bakarka bakarrik egin ahal izango da kirola». Badira salbuespenak: gimnasioetako ikastaroak taldean egin daitezke —maskararekin—, eta onartuta daude «lehiaketa profesionalean edo erdi-profesionalean» ari diren taldeen entrenamenduak eta partidak ere. Profesionalak ez direnen kasuan, gehienez sei laguneko entrenamenduak egin ditzakete, eta lehiaketak eten egin dira. Kirol instalazioetan, edukieraren erdia bete ahalko da gehienez. Eskola kirolari dagokionez, dekretuak dio 16 urtetik beherakoentzako «kirol jarduera antolatuak» eten egin direla. 14. Garraio publikoa. Ez dago edukieraren mugarik garraio publikoetan: «Ibilgailuak gehieneko edukiera bete arte» sartu ahal izango da jendea. Garraio publikoak 24:00etan du abiatzeko azken ordua, etxeratze agindua indarrean ezarri eta ordubetera. Taxiek eta ibilgailu gidaridunek ez dute ordutegi muga hori. 15. Auto pribatua. Ibilgailuan sartzen den gehienezko jende kopurua joan daiteke autoan. Elkarrekin bizi direnak soilik badoaz ibilgailuan, ez dute maskara jarri beharrik izango; bestela, bai, 6 urtetik gorako guztiek behar dute maskara.
2020-10-27
https://www.berria.eus/albisteak/188863/indurainek-ohartarazi-du-osasun-sisteman-bi-aste-oso-zail-datozela.htm
Gizartea
Indurainek ohartarazi du osasun sisteman bi aste «oso zail» datozela
Nafarroako Osasun Departamentuak aurreratu duenez, atzo egindako 3.952 probetatik %14,4k eman dute positibo
Indurainek ohartarazi du osasun sisteman bi aste «oso zail» datozela. Nafarroako Osasun Departamentuak aurreratu duenez, atzo egindako 3.952 probetatik %14,4k eman dute positibo
Santos Indurain Osasun kontseilariak onartu du hurrengo bi asteak «oso zailak» izango direla ospitaleetako oheen okupazioa eta kutsatzeen hedapena aintzat hartuta. Haren esanetan, larrialdikoak ez diren ebakuntza batzuk eten egingo dituzte egoeraren ondorioz. «Kaltetuei jakinaraziko zaie, eta itxaron ezin daitezkeen egoerak kontuan hartuko dira, ez diete eragingo», azaldu du parlamentuan. Egoera kezkagarria da ospitaleetan. Atzo jakin zenez, 401 herritar daude ospitaleratuta, horietatik 50 larrialdietan eta 70 etxeko jarraipenean. Okupazioa handitzen ari denez, Indurainen arabera, Nafarroako Ospitale Guneak egunak daramatza baliabideak pixkanaka sendotuz bigarren olatuaren arreta sisteman egon daitezkeen gorabeherei aurre egiteko. Beste behin herritarrei dei egin die: «Beharrezkoa da harreman sozialak eta mugikortasuna murriztea birusaren hedapena eteteko», azaldu du. «Ezin dugu utzi kutsatze kopuruak handitzen jarraitzea egungo okupazio mailarekin, COVID-19ak eragindako patologia larriez gain, berriro ere leheneratzen ari zen ospitaleetako ohiko jardueran eragin dezakeelako». «Egoera izugarri zaila» Parlamentuan izan da Indurain, Carlos Ortundo Osasun zuzendariarekin batera. Ortundoren arabera, «egoera izugarri zaila» da, «unea korapilatsua» baita. Ortundoren arabera, bi aste itxaron beharra dago neurriak eraginkorrak diren ikusteko. Ez du baztertzen, kutsatzearen hedapena geldotzea lortu ezean, are neurri gogorragoak hartzea. «Ez badute balio, egoera gogorragoetara iritsi gaitezke, konfinamendua barne. Orain hortzak estutzeko garaia da, eta itxaron behar dugu neurriek funtzionatzea. Profesionalen alboan egotea dagokigu, baliabideak sendotuz», azaldu du. Ortundok eta Indurainek nabarmendu dute garrantzitsua dela alderdiak «batuta» egotea, ekarpenak eginez eta jarrera kritikoarekin, baina ez horri errentagarritasuna ateratzeko asmoz. Indurainek ohartarazi du ez duela istant bat ere xahutuko konfrontazioan erortzeko. Ortundoren arabera, «umiltasuna» ezinbestekoa da, eta onartu du ziur akatsak egingo dituztela. «Denbora egongo da dena auzitan jartzeko. Nola ez ditugu akatsak onartuko. Barkamena ere eskatu beharko dugu egindako akatsen eta ziurrenik egingo ditugunengatik. Baina erabakiak hartu behar dira, hanka sartzeko arrisku eta guzti, ezin baikara konformatu birusaren bilakaerarekin. Gogoratu nahi dut erronka historiko baten aurrean gaudela. Pertsona eta komunitate moduan ez dugu halako egoerarik inoiz izan. Zerbait berria da, erabat ezohikoa».
2020-10-27
https://www.berria.eus/albisteak/188864/uztailetik-irailera-28800-okupatu-gehiago-eta-16300-langabe-gehiago-hegoaldean.htm
Ekonomia
Uztailetik irailera, 28.800 okupatu gehiago eta 16.300 langabe gehiago Hegoaldean
Hego Euskal Herrian iaz baino 16.300 langabe gehiago zenbatu ditu INEk, eta 20.500 okupatu gutxiago. Gaindegiaren kalkuluen arabera, Euskal Herrian 145.200 langabe daude, eta langabezia tasa %9,88 da.
Uztailetik irailera, 28.800 okupatu gehiago eta 16.300 langabe gehiago Hegoaldean. Hego Euskal Herrian iaz baino 16.300 langabe gehiago zenbatu ditu INEk, eta 20.500 okupatu gutxiago. Gaindegiaren kalkuluen arabera, Euskal Herrian 145.200 langabe daude, eta langabezia tasa %9,88 da.
Pandemiak udako hilabeteetan jarduera ekonomikoari emandako parentesi laburrak enplegua suspertzea ekarri du. Hego Euskal Herrian, okupatuen kopuruak gora egin du: 28.800 pertsona uztailetik irailera. Baina enpleguari oraindik asko falta zaio krisi aurreko kopuruak izateko, iaz baino 20.500 okupatu gutxiago zenbatu baititu INEk bere inkestan. INEren arabera, langabe kopuruak ere gora egin du udan, eta itxialdiko hilabeteetan baino 16.300 langabe gehiago daude orain; guztira, 137.100. Horiek horrela, Hego Euskal Herriko langabezia tasa %10,25 izan da hirugarren hiruhilekoan. Dena dela, kontutan hartu behar da INEk landun gisa hartzen dituela enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientean dauden langileak. Erregulazio berezi horiek, neurri batean, nahastu egiten dute enplegu datuen analisia. Gero, aldi baterako erregulazioak, orain arte, tresna baliagarria izan dira enpleguari eusteko, baina kezka handia dago zenbateraino ezkutatzen duten egoeraren gordina. Ikusteko baitago, besteak beste, haien babesak noiz arte iraungo duen. Batetik, jada iraungitzear da aldi baterako erregulazioan egondako langileen kaleratzea eragozten zuen sei hilabeteko epea. Bestetik, pandemiak berriz okerrera egin duela ikusita, enplegu erregulazioekin irauteari zentzurik ikusi ez eta suntsitu daitekeen sare produktibo guztia hor dago. 145.200 langabe Euskal Herrian INEren datuak oinarri, Gaindegiak Euskal Herriko langabezia kalkulatu du beste behin ere. Ekonomia eta gizarte garapenerako behategiaren arabera, langabeziak 0,56 egin du gora Euskal Herrian, %9,88raino. Eustaten datuekin, berriz, langabeziak behera egin zuen (-0,84) joan den hiruhilekoan, %9,64ko tasaraino. Tasa desberdin horien oinarrian lan merkatuaren bi interpretazio desberdin daude. INEk langabeen eta aktiboen igoera nabarmena ikusi du uztailetik irailera; aldiz, Eustaten ustez, jaitsi egin dira bai biztanleria langabea eta bai aktiboa ere. INEren datuei jarraikiz, langabezia tasak lurraldearen arabera joera desberdinak izan dituela azaldu du Gaindegiak: «Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, langabezia tasak gora egin du Gipuzkoan (+1,95) eta Bizkaian (+1,01) nabarmenki, eta, modu apalagoan Araban (+0,23). Aldiz, Nafarroa Garaian langabezia tasa pixka bat apaldu da (-0,14), eta Ipar Euskal Herrian are gehiago, udako sasoiari loturiko enpleguari Hego Euskal Herrian baino hobeto eutsi izana tarteko». Eustaten datuei erreparatuta, ordea, langabeziak behera egin du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Egia da, era berean, itxialdi gogorreneko aurreko hiruhilekoan Eustatek INEk baino 20.000 langabe gehiago zenbatu zituela. Europako joerei ere begiratu die Gaindegiak: «Osasun larrialdiaren testuinguruan, Europan langabezia tasaren igoera nagusitzen ari da. Igoera handia da Italian eta Portugalen, eta baita Danimarkan, Alemanian, Kroazian eta Espainian ere. Azken datuen arabera, Europako herrialdeen artean Espainiak du langabezia tasarik handiena (%16,3). Ikusteko dago datozen hilabeteotan zein izango den osasun larrialdiaren bilakaera eta horrek zer eragingo duen enpleguan. Halere, gaur-gaurkoz, Euskal Herriko langabezia tasa EB-27an baino 2,6 (INE) eta 2,3 (EUSTAT) puntu handiagoa da. Europan Espainiak (%16,3), Greziak (%16,0) eta Kataluniak (%13,2) dute Euskal Herrikoa baino langabezia handiagoa».
2020-10-27
https://www.berria.eus/albisteak/188865/trenasaren-itxiera-hiru-hilabetez-geldiarazi-dute-kontratu-berrien-zain.htm
Ekonomia
Trenasaren itxiera hiru hilabetez geldiarazi dute, kontratu berrien zain
Enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientearekin jarraituko dute langileek. Renferen kontratu erraldoia nori emango zain dago CAF.
Trenasaren itxiera hiru hilabetez geldiarazi dute, kontratu berrien zain. Enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientearekin jarraituko dute langileek. Renferen kontratu erraldoia nori emango zain dago CAF.
CAFek hiru hilabeteko epea jarri du lan kontratu handi bat lortzeko eta horrekin loturik Castejongo (Nafarroa) Trenasako fabrika irekita mantentzeko. Zuzendaritzak sindikatuetako ordezkariei jakinarazi dienez, denbora hori jarri du ixteko erabakia behin betikoa den ala ez erabakitzeko. Argitu du datozen hilabeteetan «Espainiako trenbide merkatuan» kontratu batzuk ixteko aukeraren zain dagoela: besteak beste, eta BERRIAk iganden aurreratu zuen bezala, Renfek luze gabe adjudikatu behar duen 2.726 milioi euroko kontratu erraldoiaren zati bat lortzea, edo distantzia ertaineko trenekin eta hiriguneetakoekin loturiko kontraturen bat. Alegia, CAFek Renferen eta Espainiako Gobernuaren zelaian jarri du pilota. Hori argitu bitartean, langileek ekainean negoziatu zuten aldi baterako erregulazioan jarraituko dute, eta gutxienez beste hiru hilabetez eutsiko diete lanpostuei. Aurreko ostiralean Manu Aierdi Ekonomia eta Enpresa Garapeneko kontseilariak parlamentuan eman zituen azalpenak, eta gobernua eragile ugarirekin hitz egiten ari dela azpimarratu zuen: bereziki, enpresarekin, Eusko Jaurlaritzarekin, Espainiako Industria Ministeriorekin eta Renferekin. Ixtea eteteko erabakiarekin denbora irabazi dute alde guztiek. Larunbatean amaitzen zen itxiera espedienteari buruzko kontsulta garaia. CCOOk azpimarratu du «mobilizazio eta presio prozesuaren» emaitza dela neurria, eta instituzioei ere mintzatu zaie. Nafarroarentzat Trenasako 110 lanpostuak mantentzea «estrategikoa» izan behar dela adierazi du, eta gobernuari eta eragile politikoei oro har eskatu die gogoeta egin dezatela enpresei emandako diru laguntza publikoei eta bestelako pizgarriei buruz. Aierdik bere agerraldian azaldu zuen Trenasak guztira 2,5 milioi euroren diru laguntza publikoak jaso dituela: 2,2 milioi 2011ren aurretik, eta gainerako 300.000 euroak, hurrengo urteetan. Dena den, hor ez da amaitzen administrazioak enpresa horretan izan duen esku hartzea. 2016an Sodena Nafarroako Gobernuaren elkarte publikoa Vectia egitasmoan sartu zen, Castejonen autobus elektrikoak egiteko: enpresaren %30 hartu zuen, eta beste guztia Beasaingo (Gipuzkoa) multinazionalaren esku utzi zuen. Proiektuak, ordea, ez zuen aurrera egin, 2018ko udan CAFek Solaris Poloniako autobus ekoizlea erosi zuelako, eta horretan jarri duelako indarra. Horren ondoren, eta Vectian jarritako diruaren truke, Sodenak Solarisen %2,8 jaso zuen. Egitasmo horrek ez zuen aurrera egiterik izan, eta kolpe gogora izan zen Castejongo plantako langileentzat. Hala ere, 2007tik, Trenasa ireki zutenetik, etengabeko lan gatazkan izan dira. Hamahiru urtean zazpi erregulazio espediente onartu dituzte. Ekainetik, aldi baterako erregulazioan daude langileak, eta hala jarraituko dute, gutxienez, beste hiru hilabetez. «Partida jokatzen ari da» Komunikabideetara bidalitako ohar batean, Ekonomia Garapanerako kontseilariak «oso positibotzat» jo du Castejongo lantegiaren itxiera hiru hilabetez geldiarazteko erabakia, eta azken asteetan «eragile ezberdinekin eta batez ere enpresarekin» egindako «lan handiaren» emaitza izan dela adierazi du. Hala ere, berretsi du gobernuak lanean jarraituko duela «ixteko erabakia iraultzeko». «Bidea konplexua da, baina oraindik partida jokatzen ari da, eta bukaerara arte jokatuko dugu». Aierdik nabarmendu du enpresak Castejongo lantegirako hartzen dituen erabakiek «proportzionalak» izan behar dutela beste fabrika batzuetan hartzen dituenekin; alegia, CAFek Trenasarako hartutako neurriak eta bereziki eskariekin loturikoak bere planta guztien artean banatu beharko lituzkeela. «Lan karga murrizteko testuinguru egiaztatua badago, enpresak erabakiak hartuko dituela uler daiteke, baina ezin dugu onartu erabaki hori CAFek [Espainiako] estatuan dituen lantegi guztien artean ez hartzea».
2020-10-27
https://www.berria.eus/albisteak/188866/senatuak-barrett-berretsi-du-gorenerako.htm
Mundua
Senatuak Barrett berretsi du Gorenerako
Epailearen izendapenak areagotu egin du kontserbadoreen gehiengoa AEBetako justiziako maila gorenean.
Senatuak Barrett berretsi du Gorenerako. Epailearen izendapenak areagotu egin du kontserbadoreen gehiengoa AEBetako justiziako maila gorenean.
Sei hiruren kontra. Donald Trump AEBetako presidenteak lortu du Auzitegi Goreneko gehiengo kontserbadorea are gehiago indartzea. Berak proposatu zuen Amy Coney Barrett epailea auzitegian hutsik zegoen aulkirako, eta Senatuak bart gauean baieztatu du haren izendapena, bozetarako zortzi egun soilik falta direla. Erabakiak zenbait harmarkadetarako lerratu dezake Gorena eskuinera. Sei epaile kontserbadorek eta hiru aurrerakoik osatzen dute orain auzitegia. «Beldurrik gabe eta aldekotasunik gabe egingo dut lan. Botere politikoekiko eta nire joerekiko independentziaz jardungo dut», adierazi du Barrettek, kargua hartu ostean. Senatuak Euskal Herrian goizaldea zela baieztatu du haren izendapena, senatari errepublikanoen gehiengoari esker. Aldeko 52 boto jaso ditu, eta aurkako 48. Demokratek aho batez egin dute Trumpek proposatutako epailea izendatzearen kontra, eta horiekin bat egin du Alderdi Errepublikanoko senatari Susan Collinsek ere. Senatuak Barretten izendapena berretsi eta ordubetera, Trumpek ospakizun ekitaldi bat gidatu zuen Etxe Zurian, Goreneko kargudun berria alboan zuela. Trumpek Goreneko kide berria goratu zuen. «Berret sendiak AEBen bihotza irabazi du. Guztiz egokia da emakumeentzat egiazko aitzindaria izan den Ruth Bader Ginsburgen aulkia Barrett epaileak betetzea». Irailean hil zen Ginsburg epaile aurrerakoi eta feminismoaren ikurra. Haren tokia hartuko du Barrettek, eta areagotu egingo du kontserbadoreek lehenagotik Auzitegi Gorenean zuten gehiengoa. Orain, sei epaile kontserbadore eta hiru aurrerakoi izango dira sistema judizialaren mailarik altuenean. Karguak bizi guztirako direla kontuan izanda, litekeena da gehiengo horrek hamarkadak irautea. Gorenak hainbat auzi garrantzitsuri buruz erabaki beharko du datozen hilabeteetan. Besteak beste, gobernuaren zenbait migrazio politika, Obamacare esaten dioten osasun babeserako legea eta abortu eskubidea murrizteko hainbat lege aztertu beharko ditu. Horrez gain, Gorenak zeresan handia izan dezake hurrengo hauteskundeen emaitzen gainean. Trumpek aurreratu du emaitzak inpugnatuko dituela hauteskundeak galtzen baditu, eta auzia Gorenera iristea espero duela. Auzitegi horrek izango du azken hitza posa bidezko bozketa arautzeko demokratek zenbait estatutan bultzatu dituzten legeei buruz. Gorenaren jarrera erabakigarria izan daiteke, estatu horietako batzuetan emaitza oso estuak espero baitira. Esaterako, Pennsylvanian eta Ipar Karolinan. Barretten izendapenak eztabaida handia eragin du AEBetan, Trumpek presio egin baitu azaroaren 3ko hauteskundeen aurretik egina izateko izendapena. Bozetarako zortzi egun besterik falta ez dela hautatu du Senatuak AEBetako sistema judizialean botererik handiena duen organoko kargudun bat, bizi osorako dena. Lehenengo aldia da herrialdean Gorenerako epaile bat aukeratzen dena hauteskundeetarako horren egun gutxi falta direnean. Alderdi Demokratak presidentearen erabakia kritikatu du. Oposizioaren iritziz, Gorenean hutsik dagoen aulkirako izendapena bozen ondoren presidente izango denak proposatu beharko luke. Joe Biden demokraten presidentegaiaren iritziz, izendapena «presazkoa eta aurrekaririk gabekoa» da. Harago joan da Chuck Schumer Alderdi Demokrataren senatari taldeko burua bart. Errepublikanoek auzitegia «eskuin muturrerantz» eraman nahi dutela salatu du, eta «sutara» bota dutela beren «sinesgarritasuna». Schumerrek 2016. urtean gertatutakoari egin dio erreferentzia. Orduan, Barack Obama AEBetako presidente zenak Merrick Garland epailea proposatu zuen Gorenean hutsik zegoen aulkirako. Martxoa zen, eta hauteskundeetarako sei hilabete falta ziren. Bada, errepublikanoek izendapen hori eragotzi zuten, Goreneko kargudun berria bozen ostean aukeratu behar zela argudiatuta. Senatuak bart egin duen saioan, ordea, Barretten izendapena zilegi dela nabarmendu du Mitch McConnell senatari errepublikanoen buruak. «Ez dugu inolako zalantzarik auzia beste aldera izan balitz haiek izendapena berretsiko zutela». Zenbait ordezkarik neurriak proposatu dituzte Trumpek bere agintaldian izendatu dituen hiru epaile kontserbadoreen eragina murrizteko. Alexandria Ocasio-Cortez demokratak auzitegiko epaile kopurua handitzeko eskatu du.
2020-10-27
https://www.berria.eus/albisteak/188867/burujabetza-gatazkak-konpontzeko-jardunaldiak-egingo-dituzte-azaroaren-11tik-13ra.htm
Politika
Burujabetza gatazkak konpontzeko jardunaldiak egingo dituzte azaroaren 11tik 13ra
Bilboko Azkuna zentroan egingo dituzte topaketak, Eusko Ikaskuntzak eta Ikerketa Katalanen Institutuak antolatuta. Bertan aurkeztuko dute gatazkak konpontzeko jardunbide egokien kode bat, nazioarteko 60tik gora adituren ekarpenekin egindakoa.
Burujabetza gatazkak konpontzeko jardunaldiak egingo dituzte azaroaren 11tik 13ra. Bilboko Azkuna zentroan egingo dituzte topaketak, Eusko Ikaskuntzak eta Ikerketa Katalanen Institutuak antolatuta. Bertan aurkeztuko dute gatazkak konpontzeko jardunbide egokien kode bat, nazioarteko 60tik gora adituren ekarpenekin egindakoa.
Subiranotasun gatazkak Europan: konponbiderako oinarriak izeneko nazioarteko jardunaldiak egingo dituzte azaroaren 11tik 13ra bitartean, Bilbon. Eusko Ikaskuntzak eta Ikerketa Katalanen elkarlanean antolatutako topaketak izango dira, eta, horietan, “alderdi akademiko, instituzional eta soziopolitiko zabal baten parte-hartzearekin”, Europako estatuetako subiranotasunaren inguruan “lurralde-gatazkak demokratikoki konpontzeko jardunbide egokien kode baten oinarriak eztabaidatu eta aurkeztuko” dituzte, antolatzaileek azaldu dutenez. Ekinaldi akademikoa eta soziopolitikoa dela azaldu du Mario Zubiaga proiektuaren koordinatzaile zientifikoak; Euskal Herriko, Kataluniako eta nazioarteko hogei eragilek hartu dute parte egitasmoan. Bidean, burujabetza gatazkak konpontzeko jardunbide egokien kode bat landu dute, arlo horretan aditu diren 60 pertsonaren baino gehiagoren ekarpenak jasota, eta kode horren lehen bertsio bat aurkeztuko dute azaroko jardunaldietan. Parte hartu dutenen artean daude Eskozia, Katalunia, Quebec, Italia, Frantzia, Espainia, Ingalaterra, Ameriketako Estatu Batuak, Alemania eta Euskal Herriko unibertsitateetako irakasle eta ikerlariak. Aurkezpenean, Salvador Cardus IECko ordezkariak azaldu du "dimentsio handiko" egitasmoa dela. Jaume Lopez Kataluniako Pompeu Fabra Unibertsitateko irakasle eta proiektuko koordinatzaile zientifikoak, berriz, esan du "topiko batzuk" eraitsi nahi dituztela proiektuarekin: "Ate bat zabaltzea da proiektu hau. Burujabetza gatazkak ez dira iraganeko kontua; proiektu honek erakusten du badirela demokrazia eta parte hartze handiagorako eskariak". Gainera, nabarmendu dute burujabetza gatazkak ezin direla barne arazotzat hartu, eta "Europaren proiektua ahuldu beharrean indartu" egiten dutela. Zelai Nikolas Eusko Ikaskuntzako kide eta Eusko Legebiltzarreko legelariak azaldu du kodearen abiapuntua dela lurralde gatazkak existitzen direla, eta horiek konpontzeko erari buruzko gutxieneko estandar bat osatzea izan dela helburua. Horretarako, nazioartean gisa horretako gatazken konponbidean antzeman dituzten praktika egokiak baliatu dituzte. Bilboko jardunaldiaren ondoren, asmoa da epe ertainera Europako Batasuneko erakundeetara eramatea planteamendua. Topaketei dagokienez, hiru egunez elkartuko dira, Bilboko Azkuna zentroan; printzipioz, modu semipresentzialean. Hiru bloketan antolatu dituzte gaiak: lehenik, lurralde gatazken eta jardunbide egokien kodeari buruzko gerturatze bat egingo dute, eta, segidan, landuko dute zergatik parte hartu beharko lukeen EBk kodearen egitasmoan. Azkenik, parte hartze hori nola gauzatu litekeen aztertuko dute. Jardunaldiak ingelesez, euskaraz eta gazteleraz enzuteko aukera egongo da. EGITARAUA Azaroak 11: 16:30: Irekiera. Ana Urkiza (Eusko Ikaskuntza) eta Joandomenec Ros i Aragones (Ikerketa Katalanen Institutua). 16:45: Egitasmoaren eta jardunaldiaren aurkezpena. Beatriz Akizu (EI), Mario Zubiaga (EHU), Jaume Lopez (UPF). 17:00: Irekiera hitzaldia: Claiming Sovereignty. States, nations and Self-Determination in the European Context. Michael Keating (Aberdeengo Unibertsitatea) 17:45: Atsedenaldia 18:00: Mahai-ingurua. The push for self-determination in Europe and the limits of the current framework Azaroak 12: 9:30: Irekiera, Saioaren aurkezpena. Beatriz Akizu (EI). I. Zer da subiranotasunaren lurralde-gatazka bat? Praktika onen kodearen xedea eta helburua 9:35: Eztabaida testuinguruan kokatzen. Mario Zubiaga (EHU) 9:45: Michael Van Walt. Kreddha. 10:00: Sergiusz Bober. ECMI: Gutxiengoen Gaietarako Europako Zentroa. 10:15: Atsedenaldia 10:30: Alain G. Gagnon (Quebeceko Unibertsitatea Montrealen). 10:45: Jorge Cagiao. Tourseko Unibertsitatea. 11:00: Donatella Della Porta. Scuola Normale Superiore. 11:15: Eztabaida eta galderak (en). Moderatzailea: Eduardo Ruiz Vieytez (Deustuko Unibertsitatea). 12:00: Atsedenaldia II. Zergatik hartu behar du parte Europak? Jardunbide egokien kodearen interesa, arrazoiak eta pragmatika 12:15. Eztabaida testuinguruan kokatzen. Hizlarien aurkezpena: Enoch Alberti (Bartzelonako Unibertsitatea) 12:30: Costanza Margiotta (Paduako Ikasketa Unibertsitatea). 12:45: Francesco Palermo (Veronako Unibertsitateko Federalismo Konparatiboko Institutua). 13:15: Elisenda Casañas-Adams (Edinburgoko Unibertsitatea). 13:30: Nikos Skoutaris (East Angliako Unibertsitatea) 13:45: Eztabaida eta galderak. Moderatzailea: Ander Errasti (Autogobernu Ikasketen Institutua). III. Nola parte hartu behar luke? Praktika onen kodearen edukia 15:30: Eztabaida testuinguruan kokatzen. Hizlarien aurkezpena. Zelai Nikolas (Eusko Legebiltzarra). 15:45: Nicola McEwen (Edinburgoko Unibertsitateko Aldaketa Konstituzionalen Zentroa). 16:00: Nikolas Levrat (Genevako Unibertsitatea) 16:15: Atsedenaldia 16:30: Timothy Waters (Indianako Unibertsitatea). 16:45: Matt Qvortrup (Coventryko Unibertsitatea) 17:00: Atsedenaldia 17:15: Susanna Mancini (Bolognako Unibertsitatea). 17:30: Eztabaida eta galderak. Moderatzailea: Jaume Lopez (UPF) 18:15: Itxiera Azaroak 13 11:30: Subiranotasunaren lurralde-gatazkak ebazteko praktika onen kodea garatzeko oinarriak.
2020-10-27
https://www.berria.eus/albisteak/188868/hiru-egunen-buruan-110-ospitaleratu-gehiago-daude-hegoaldean.htm
Gizartea
Hiru egunen buruan, 110 ospitaleratu gehiago daude Hegoaldean
Hego Euskal Herrian, 814 daude ospitaleratuta, horietatik 124 larrialdietan. Positibo kopuruarekin gertatzen den bezala, Nafarroak ditu datu okerrenak. 396 ospitalean eta 50 ZIUko oheetan.
Hiru egunen buruan, 110 ospitaleratu gehiago daude Hegoaldean. Hego Euskal Herrian, 814 daude ospitaleratuta, horietatik 124 larrialdietan. Positibo kopuruarekin gertatzen den bezala, Nafarroak ditu datu okerrenak. 396 ospitalean eta 50 ZIUko oheetan.
Positiboek gora egin ahala, apurka ospitaleetan islatzen ari da kasuen hazkundea. Kutsatutako pertsonek sintomak agertu eta horietako batzuk ospitaleratzea behar dutenez, osasun sistemaren gaineko tentsioa handitzen ari da. Azken hiru egunetan, 110 herritar gehiago ospitaleratu dira. Oraintxe bertan, 814 gaixo daude Hego Euskal Herriko ospitaleetako gela arruntetan eta ZIUko oheetan, aurreko egunetan baino hamabost gehiago. Larrialdien kasuan, 124 pertsona daude bertan, aurreko egunean baino bi gutxiago. Kutsatzeekin gertatzen den legez, Nafarroak ditu daturik okerrenak, eta gaur goizean Santos Indurain Osasun kontseilariak ohartarazi du «bi aste» oso zail datozela. Osasunbideko osasun sarean 396 herritar daude, horietatik 50 ZIUko oheetan, eta 61 etxeko jarraipenarekin. Gobernuaren arabera, pertsona guztiok positibo eman dute PCR proba batean, ospitaleratzeko arrazoia hori izan edo ez. 1.556 positibo Kutsatzeak ez du etenik. Iragan astean neurriak gogortu egin ziren Hego Euskal Herrian, eta atzo Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak neurri gehiago iragarri zituzten. Hala ere, kutsatze kopurua ez da jaitsi. Azken 24 orduetan, 1.556 positibo atzeman dituzte. Egindako PCR eta antigeno probetatik %9,8 eman du positibo —guztira, 15.887 proba egin ziren atzo—. Azken egunetan legez, Nafarroak du kasu positibo gehien (578). Ondoren, Bizkaian detektatu zen kasu gehien: 457. Gipuzkoan, berriz, 413 kutsatze atzeman ziren, eta Araban, 86. Halaber, Nafarroak du intzidentzia tasa handiena: 100.000 biztanleko milatik gora izan dituzte; zehazki, 1.040. Nafarroaren ondoren, azken hamalau egunetako intzidentzia tasarik handiena du Gipuzkoak. Egoera epidemiologikoari buruzko txostenaren arabera, 100.000 biztanleko 765 kutsatu dira Gipuzkoan azken bi asteetan, 361 Araban eta 450 Bizkaian. Alarma egoera ezarri ostean, Jaurlaritzak udalerrietatik ateratzea debekatu du —funtsezko arrazoiengatik ez bada—. Uneotan, herri handien artean, 500dik gorako intzidentzia dute herri hauek: Bizkaian, Abadiñok, Zierbenak, Zornotzak, Durangok, Erandiok, Ermuak, Galdakaok, Muskizek, Ondarroak eta Ortuellak —Bilbok 456koa du, lurraldeko batezbestekoaren maila berean—; Gipuzkoan, Andoainek, Arrasatek, Astigarragak, Azkoitiak, Azpeitiak, Beasainek, Bergara, Debak, Donostiak, Eibarrek, Elgoibarrek, Errenteriak, Hernanik, Irunek, Lasartek, Legazpik, Lezok, Mutrikuk, Oiartzunek, Oñatik, Ordiziak, Pasaiak, Tolosak, Urnietak, Urretxuk, Usurbilek, Zumaiak eta Zumarragak. Araban, Agurainen dago intzidentzia handiena, baina egoera bestelakoa da, nahiz eta gorantz ari den orobat. Nafarroan, berriz, gobernuak aurreratutako lehen datuen arabera, 3.952 proba egin ziren atzo, eta horietatik %14,4k eman dute positibo. Zahar etxeetan, behera Dena ez da beltz. Iragan astean, 152 kasu aktibo zeuden Nafarroako 71 zahar etxeen artean. Gobernuak azaldu duenez, datuek behera egin dute nabarmen, azken egunetan 182 laguni sendagiria eman dietelako. Guztira, orain, 59 egoiliar daude kutsatuta, eta kasuak %69 gutxitu dira. Haien artean, bost pertsona daude ospitaleratuta, 35ek egoitzan jarraitzen dute, sintomekin, eta gainerako 11k ez dute sintomarik. Lehen olatuaz geroztik, uztailaren 1etik aurrera 49 egoiliar zendu dira COVID-19aren ondorioz: 33, ospitaleetan, eta gainerako 16ak, egoitzan bertan. Carmen Maeztuk uste du positiboen beherakada «positiboa» dela, baina «zuhurtzia handiz» jokatu behar dela. Urriaren 13tik ezin da zahar etxeetan bisitarik egin, salbuespen jakin batzuk kenduta. «Prebentzio neurriak oinarrizkoak dira pandemiari aurreko egiteko, baina neurrietako batzuk oso gogorrak dira, osasun psikikoari eragiten baitiote».
2020-10-27
https://www.berria.eus/albisteak/188869/siemens-gamesak-euskal-herrian-ekoitziko-ditu-aerosorgailu-berrien-osagai-batzuk.htm
Ekonomia
Siemens Gamesak Euskal Herrian ekoitziko ditu aerosorgailu berrien osagai batzuk
Asteasun eta Mungian egingo dituzte turbinen osagai berriak.
Siemens Gamesak Euskal Herrian ekoitziko ditu aerosorgailu berrien osagai batzuk. Asteasun eta Mungian egingo dituzte turbinen osagai berriak.
Siemens Gamesak jakinarazi du Euskal Herrian ekoitziko dituela haize errota berrien osagai batzuk. Zehazki, Asteasun (Gipuzkoa) eta Mungian (Bizkaia) dituen lantegietan egingo dituzte, datorren urtetik aurrera. Aerosorgailu berriak egiten ari da konpainia mundu osoko eskaerei erantzuteko, eta, azaldu duenez, energia sortzen duten turbinen erdiak Espainian dituen plantetan egingo ditu. Bada, turbina horien osagai batzuk izango dira Euskal Herrian ekoitziko dituztenak. Europako, Afrikako eta Latinoamerikako (Brasil izan ezik) parke eolikoetarako izango dira. Siemens Gamesak iaz aurkeztu zituen SG 5.X izeneko aerosorgailu berriak. Konpainiak dituen lurreko haize errotarik indartsuenak dira, eta 5.8 megawatteko potentzia nominala dute.
2020-10-27
https://www.berria.eus/albisteak/188870/frantziako-produktuen-aurkako-kanpaina-egiten-ari-dira-herrialde-musulmanetan.htm
Mundua
Frantziako produktuen aurkako kanpaina egiten ari dira herrialde musulmanetan
Turkiako presidente Erdoganek Frantziako Macronen buruko osasuna zalantzan izanak bi herrialdeen arteko ika-mika diplomatikoa piztu du.
Frantziako produktuen aurkako kanpaina egiten ari dira herrialde musulmanetan. Turkiako presidente Erdoganek Frantziako Macronen buruko osasuna zalantzan izanak bi herrialdeen arteko ika-mika diplomatikoa piztu du.
Elur bola handitzen ari da. Islamista batek Paristik gertu irakasle bati lepoa moztu izanak jarri zuen martxan gurpila, eta hainbat herrialde musulmanetan Frantziako produktuen aurkako kontsumo boikota eragin du azken orduotan. Parisek boikoterako deia arbuiatu du, eta hura gutxiesten saiatu da, «gutxiengo fanatiko» baten deialdia dela argudiatuta. Baina Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganek berak atzo eskatu zien herritarrei Frantziako produkturik ez erosteko. Boikoterako deiek «bihurritu egiten dute Frantziak kontzientzia, adierazpen eta erlijio askatasunaren inguruan duen jarrera», adierazi du Frantziako Atzerri Ministerioak agiri baten bidez. «Ondorioz, boikoterako deiek ez dute zentzurik, eta berehala amaitu behar dute, gure herrialdearen aurkako eraso guztiak bezala, muturreko gutxiengo batek erabilitakoak». Beste estatuetako gobernuei laguntza eskatu die Parisek, kanpaina gelditzeko. Joan zen astean, Samuel Paty irakasleari estatu omenaldia egin zioten, eta horretan parte hartu zuen Macronek. Islamista batek hil zuen irakaslea, hark ikasleei Mahomaren karikatura batzuk erakutsi zielako, ikasgelan adierazpen askatasunaren gaiaz eztabaidatzeko. Omenaldian, Macronek esan zuen Frantziak ez ziola uko egingo karikaturak egiteko eskubideari. Horrez gain, Parisek islamismoarekin lotzen dituen hainbat elkarte sakabanatu eta debekatu ditu azken egunotan. Horrek guztiak protestak eragin zituen asteburuan hainbat herrialde musulmanetan. Besteak beste, Turkian, Jordanian eta Iranen agintariek gaitzetsi egin dituzte Macronek karikaturei emaniko sostengua. Konferentzia Islamikoaren Erakundeak ere «biraozko marrazkiak etengabe argitaratzea» gaitzetsi du, eta Macronen adierazpenek «Frantziaren eta musulmanen arteko harremanak zulora eramateko arriskua» dakartela gaineratu du. Erdoganek Macronen hitzak gaitzetsi zituen, baina zuzenean jo zuen Frantziako presidentearen kontra: «Joan aztertzera burutik sano ote zauden», esan zion. Parisek Ankaran duen enbaxadorea erretiratu zuen, hitzon aurkako protesta gisa. Atzo, boikot dei zuzena egin zuen Erdoganek, eta Frantziako produkturik inoiz ez erosteko eskatu zien herritarrei. #BoycottFrance traola erruz zabaldu da asteburuan Twitterren. Boikot deialdiak eragina izan du Pakistandik Qatarreraino. Azken honetan, hainbat saltoki kate handik iragarri dute kendu egingo dituztela Frantziako produktuak apaletatik. Kuwaiten Frantziako gaztak eta lurrinak jarri dituzte jomugan, eta hainbat bidaia agentziak Frantziarako hegaldiak erreserbatzeari utzi diote. Frantziako produktu guztiak kentzea erabaki dugu, Jainkoaren profeta defendatzeko testua zuen pankarta bat zintzilikatu dute saltokietako batean. Marokoko Atzerri Ministerioak «gogor gaitzetsi ditu «islama eta profeta laidotzen dituzten karikaturak» argitaratzen jarraitzeak, baina ez du Rabateko gobernuak ez du boikoterako deialdirik egin. Libian Frantziako bandera bat erre dute manifestazio batean. Gazan Macronen irudiak erre dituzte. Pakistango lehen ministro Imran Khanek «polarizazioa» bultzatzea leporatu dio Frantziako presidenteari. Haatik, Europako buruzagien sostengua jaso du Macronek. Alemaniako Gobernuko eledun Steffen Seibertek adierazi duenez, Erdoganen hitzak «onartezinak» dira. Europako Batzordeko buru Ursula von der Leyen ere Macronen alde mintzatu da.
2020-10-27
https://www.berria.eus/albisteak/188871/aske-geldituko-da-frederic-haranburu-xistor.htm
Politika
Aske geldituko da Frederic Haranburu 'Xistor'
Euskal presoa baldintzapean askatzeko eskaera onartu du Dei Auzitegiak. Kasazio Auzitegian helegitea aurkezteko aukerak egon badaitezke ere, erabakia aplikatuko dela baieztatu du Maritxu Paulus Basurko abokatuak. Baldintzapean aske gelditu da Fernando Alonso Abad euskal presoa.
Aske geldituko da Frederic Haranburu 'Xistor'. Euskal presoa baldintzapean askatzeko eskaera onartu du Dei Auzitegiak. Kasazio Auzitegian helegitea aurkezteko aukerak egon badaitezke ere, erabakia aplikatuko dela baieztatu du Maritxu Paulus Basurko abokatuak. Baldintzapean aske gelditu da Fernando Alonso Abad euskal presoa.
Oraingoan bai: presondegitik aterako da Frederic Haranburu Xistor euskal presoa. 30 urte presondegian pasatu ondotik, baldintzapean askatzeko eskaera onartzea erabaki du Dei Auzitegiak gaur arratsaldean. Joan den irailaren 24an aztertu zuten haren eskaera, eta, terrorismoaren kontrako fiskaltzak kontrako iritzia agertu bazuen ere, gaur baiezkoa eman dio epaileak. Maritxu Paulus Basurko abokatuak BERRIAri azaldu dionaz, Kasazio Auzitegian helegitea ezar lezake oraindik fiskaltzak; «aukera gutxi daude», baina erabakia gauzatu egingo da hala ere. Efe agentziaren arabera, azaroaren 24tik aitzina atera beharko luke Lannemezango (Okzitania) presondegitik. Paulus Basurkok azaldu du proba epe bat izanen duela hasieran, eta eskumuturreko elektronikoa eraman beharko duela. 1990eko apirilean atxilotu zuten Haranburu, eta bizi osorako kartzela zigorra ezarri zioten, ETAren Argala komandoko kide izatea leporatuta. 30 urte baino gehiago daramatza presondegian. Azken urteetan, mobilizazio bat baino gehiago antolatu dituzte hura askatzea eskatzeko. 2015ean aztertu zuten epaitegiek lehen aldiz hura aske uzteko aukera. Ordurako 25 urte zeramatzan preso. Haranbururen kasua ezaguna egin da azken urteetan, Jakes Esnalenarekin batera. Irailaren amaieran ukatu egin zuten hura baldintzapean aske uztea, Fernando Alonso Abad, baldintzapean aske Fernando Alonso Abad euskal presoa baldintzapean aske gelditu da 24 urte presondegian eman ondotik. Espainiako hainbat presondegitan egon da orain arte, eta hirugarren graduan eman ditu azken hilabeteak, Martutenen (Gipuzkoa). Apirilean onartu zioten erregimen malgutzea, baina, koronabirusak eragindako krisiaren ondorioz, hilabete batzuk geroago gauzatu zen. 1996an atxilotu zuen Guardia Zibilak, Andoni Murga Zenarruzabetiarekin batera, ETAko kidea izatea leporatuta. Egin egunkariko kazetariak ziren biak. Presondegian egon den urteetan zehar liburu bat baino gehiago idatzi ditu Alonso Abadek; horien artean, El repartidor de sueños (amets banatzailea) ipuin bilduma, 2000. urtean, eta ¿Por qué luchamos los vascos? (zergatik borrokatzen gara euskaldunok?) saiakera, 2004. urtean.
2020-10-27
https://www.berria.eus/albisteak/188872/eh-bildu-abstenitu-egin-da-toledoko-itunean-eta-eajk-alde-bozkatu-du.htm
Ekonomia
EH Bildu abstenitu egin da Toledoko Itunean, eta EAJk alde bozkatu du
Alderdi subiranistak kritikatu du testuak ez dituela jasotzen Euskal Herriko pentsiodunen eskaerak. Jeltzaleek uste dute erretiro arreratuen gaian gehiago sakondu behar dela.
EH Bildu abstenitu egin da Toledoko Itunean, eta EAJk alde bozkatu du. Alderdi subiranistak kritikatu du testuak ez dituela jasotzen Euskal Herriko pentsiodunen eskaerak. Jeltzaleek uste dute erretiro arreratuen gaian gehiago sakondu behar dela.
Pentsioen sistema erreformatzeko Toledoko Itunaren batzordeak onartu egin ditu joan den astean adostutako gomendioak, eta datozen egunetan Espainiako Kongresuaren osoko bilkurara eramango ditu, bozketa egiteko eta taldeek boto partikularrak aurkezteko aukera izan dezaten. Horrekin batera, gobernua CEOE eta Cepyme patronalekin eta CCOO eta UGT sindikatuekin ere ari da negoziatzen. Batetik eta bestetik ateratako ondorioekin egin beharko du azken testua. Gobernuaren asmoa zen aho batez onartzea ostiralean adostutako gomendioen zerrenda, baina, azkenean, ez da hala izan. Alde bozkatu dute PSOEk, Unidas Podemosek, PPk, Junts pel Sik, EAJk eta Coalicion Canariak. Abstenitu egin dira ERC, EH Bildu eta BNG. Voxek aurka bozkatu du. Akordio honekin, duela lau urte hasitako lanei amaiera jarri diote. Testuak 21 gomendio jasotzen ditu —hemen zerrenda osoa—. Besteak beste, taldeek adostu dute pentsioak KPIa oinarri izan duen indize baten arabera eguneratzea; lan bizitza 67 urtera arte luzatzearen alde azaldu dira, baina salbuespen batzuekin erretiro aurreratuak zigortzeko orduan; eta finantzaketa publikoa 2023a baino lehen argitzea nahi dute, pentsioen sistemari berez ez dagozkion gastuak kentzeko. Euskal Herritik EH Bildu ez da akordiora batu; abstenitu egin da, pentsiodunen mugimenduak azken hilabeteetan egindako «aldarrikapen nagusiak» kontuan hartzen ez dituelako. «Anbiguotasuna eta zehaztasun falta» egotzi dizkio testuari, eta boto partikularra aurkeztuko duela aurreratu du Iñaki Ruiz de Pinedo diputatuak. Akordiora batu ez den arren, EH Bilduk zehaztu du ez diola uko egiten hurrengo asteetan adostasunak lortzeari, baina azpimarratu du «irmotasunez eta behin eta berriz» eskatuko duela testuan baztertuta geratu diren eskaera nagusiak sartzeko. Honako hauek zerrendatu ditu: pobreziaren mugatik gorako pentsioak, 65 urterekin erretiratzeko adina berreskuratzea, jasangarritasun faktorea ezabatzea, eta pentsio osoa jaso ahal izateko kotizazio aldia 35 urtetik 37 urtera ez luzatzea. «Pentsiodunen mugimenduarekin konpromisoa hartu genuen beren aldarrikapenak Madrilera eramateko, eta hala egingo dugu», esan du Ruiz de Pinedok. Gaineratu du aldarrikapen horiek «zentzudunak, bidezkoak eta, batez ere, atzeraezinak» direla. EAJk ez du argitu boto partikularrik aurkeztuko duen ala ez. Pozik azaldu da batzordeak egin duen lanarekin. Iñigo Barandiaran diputatuak azpimarratu du akordio horrekin pentsiodunei «konfiantza» ematen zaiela. Nabarmendu du orain eztabaida nagusia aurre erretiroen gaian zentratu behar dela: enpresen erretiro planak osatzearen alde azaldu da EAJko kidea. Bizkaiko pentsiodunen mugimenduak, berriz, manifestazio bat antolatu du larunbaterako. Asteazken honetan emango dituzte xehetasun gehiago.
2020-10-27
https://www.berria.eus/albisteak/188874/kubatar-estatubatuarren-botoa-aldatuz-doa.htm
Mundua
Kubatar-estatubatuarren botoa aldatuz doa
Gazteen artean zabalduz doa demokraten aldeko jarrera, nahiz eta askok ahots altuan onartu nahi ez izan.
Kubatar-estatubatuarren botoa aldatuz doa. Gazteen artean zabalduz doa demokraten aldeko jarrera, nahiz eta askok ahots altuan onartu nahi ez izan.
Habana Txikian, Little Havana deritzon Miamiko auzoan, hispanoak dira herritarren %85, eta horietatik gehien-gehienak, kubatar-estatubatuarrak. Urte askoan, errepublikanoek izan dute gehiengoa han, batez ere kubatar erbesteratuei esker. Izan ere, uhartetik ihesi joandako lehen migratzaile oldea nabarmen errepublikanoa izan da urte luzez. Baina urte asko joan dira ordutik, eta, belaunaldi berriak agertu ahala, egoera ere aldatuz joan da. 2018an agertu ziren aldaketaren lehen zantzuak. Lehen aldiz, kubatar-estatubatuarra ez zen demokrata bat aukeratu zuten Habana Txikiko ordezkari gisa. Haren garaipenak kezka zabaldu zuen errepublikanoen artean. Oraingo hauteskundeetan are gehiago nabarituko da mugimendu demokrata indartuz doala. Daniela Ferrerak sortutako Kubatarrak Bidenen Alde mugimendua da horren froga. 22 urteko gazteak hainbat ekitaldi antolatu ditu hispanoak gehiengoa diren herri eta auzoetan, Habana Txikia tartean. Uhartetik ihesi joandako kubatarren bilobak dira, eta askok oraindik aitona-amonen gorrotoa heredatu duten arren, beste batzuk hasiak dira iragana alde batera uzten.
2020-10-27
https://www.berria.eus/albisteak/188875/sindikatuen-arabera-laquoerantzun-handiaraquo-izan-du-eskola-jangeletako-grebak.htm
Gizartea
Sindikatuen arabera, «erantzun handia» izan du eskola jangeletako grebak
ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, bigarren greba eguna izan dute gaurkoa eskoletako jangeletako langileek. Etzi egingo dute hurrengoa.
Sindikatuen arabera, «erantzun handia» izan du eskola jangeletako grebak. ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, bigarren greba eguna izan dute gaurkoa eskoletako jangeletako langileek. Etzi egingo dute hurrengoa.
Eskoletako jangeletako langileek, kaleak hartu, eta greba egin dute gaur bigarren aldiz. Segurtasuna, enplegua eta lan baldintzak bermatzeko eskatuz, hilaren 21ean izan zuten lehen greba eguna, eta hurrengoa ere zehaztua dute: etzi egingo dute. Oraingoz, hori izango da azken greba. Sindikatuen arabera, lehen greba egunak %60ko erantzuna izan zuen, eta gaurkoak ere «erantzun handia» izan duela nabarmendu dute. Halere, salatu dute grebarako «hainbat eragozpen» jarri dituztela Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta enpresa azpikontratatuek. Gutxieneko zerbitzuei dagokienez, ELAk nabarmendu du «balorazio interesduna» egin dutela eta helburu bakarra izan dutela: ez uztea ikusten eskoletako jangeletako «benetako egoera eta langileen eskaerak». Atzo Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurriek eragina izan dute sindikatuek deitutako protestetan ere. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiriburuetan zituzten antolatuak elkarretaratzeak, baina, herritik ateratzeko debekua dela eta, joan ezin zirenei ikastetxeen aurrean protestak egiteko eskatu diete.
2020-10-27
https://www.berria.eus/albisteak/188876/bi-preso-euskal-herriratuko-dituzte-eta-beste-sei-gerturatu.htm
Politika
Bi preso Euskal Herriratuko dituzte, eta beste sei gerturatu
Zaballako espetxera mugituko dituzte Lauzirika eta Garcia Gonzalez. Gainerakoak Soriako eta Logroñoko kartzeletara eramango dituzte.
Bi preso Euskal Herriratuko dituzte, eta beste sei gerturatu. Zaballako espetxera mugituko dituzte Lauzirika eta Garcia Gonzalez. Gainerakoak Soriako eta Logroñoko kartzeletara eramango dituzte.
Bi euskal preso Euskal Herriratu eta beste sei gerturatzearen aldeko erabakia hartu du Espainiako Espetxe Zuzendaritzak: Jose Antonio Borde Gaztelumendi, Ibai eta Mikel Xabier Ayensa Laborda, Itziar Alberdi, Juan Jesus Narvaez, Karmelo Lauzirika, Jose Juan Garcia Gonzalez eta Aitor Esnaola Dorronsoro dira. Horiekin, 85 dira Pedro Sanchez Espainiako presidente denetik gerturatu edo Euskal Herriratu dituzten euskal presoak. Orain arte batera argitaratu duten mugimendu kopururik handiena da gaurkoa. Lauzirika eta Garcia Gonzalez dira Euskal Herrira ekarriko dituzten bakarrak, Zaballako espetxera (Araba). Gainontzekoak inguruko presondegietara mugituko dituzte. Ayensa Laborda anaiak, eta Narvaez eta Alberdi Logroñora (Errioxa) gerturatuko dituzte. Lehen biak, Lugotik (Galizia), eta beste biak, Estremeratik (Madril). Esnaola, berriz, Ocañatik (Gaztela-Mantxa) Soriara (Gaztela eta Leon) mugituko dute, eta Borde Gaztelumendi Coruñatik (Galizia) espetxe berera.
2020-10-27
https://www.berria.eus/albisteak/188877/toti-martinez-de-lezeak-egurra-sa-eleberria-plazaratu-du.htm
Kultura
Toti Martinez de Lezeak 'Egurra S.A.' eleberria plazaratu du
Intrigazko nobela da, industria editorialaren miserietan girotua. Ereinekin eman du, eta aldi berean kaleratu ditu gaztelaniazko jatorrizkoa eta euskarazkoa; Miren Arratibelek egin du itzulpena.
Toti Martinez de Lezeak 'Egurra S.A.' eleberria plazaratu du. Intrigazko nobela da, industria editorialaren miserietan girotua. Ereinekin eman du, eta aldi berean kaleratu ditu gaztelaniazko jatorrizkoa eta euskarazkoa; Miren Arratibelek egin du itzulpena.
Zuhaitzetik zura, zuretik papera, paperetik liburua. Aitona-amonak, gurasoak, bilobak. Kate biak gurutzatzen ditu Toti Martinez de Lezearen (Gasteiz, 1949) eleberri berriak: Egurra S.A. Egurra da argitaletxearen izena, eta Egurra familiaren abizena. Abizenetako bat bai bederen. «Erronkak gustatzen zaizkit, asko», aipatu du idazleak, eta parte den argitaletxeen munduaz aritzea bihurtu du erronka liburu honetan. «Argitaletxekoei bidali nizkien lehen 50 bat orriak, ohartaraziz: ‘Zuen negozioaz idatzi dut, ea’». Eta editoreak erantzun: «Segi». Hala joan da ontzen aldi berean euskaraz eta gaztelaniaz —La editorial izenpean— argitaratu duen lan berria; euskarazkoa, Miren Arratibelek itzulita. Aipatuez gainera, hirugarren kate bat jarri du eleberriaren muinean Martinez de Lezeak: liburuarena. Idazlearengandik irakurlearenganaino luzatzen dena. Kate hori mugiarazten duten langileak izan ditu gogoan: editoreak, maketatzaileak, zuzentzaileak, banatzaileak, liburu saltzaileak... «Mundu oso bat mugitzen da hor, eta horri esker ateratzen da liburua. Gertatzen dena da», tonua gaiztotuz esan du, «negozio guztietan bezala, batzuk besteak baino aztiagoak direla hemen ere. Enpresa guztietan dago jendea ondokoak zapaltzeko prest dagoena, gorago heltzeko». Liburuaren sektorean hori gertutik ezagutu duela azaldu du idazleak, eta hori kontatzeko gogoa izan duela lan berrian. Familia negozioen bueltan sumatzen duen dinamika ohiko bat ere ekarri du nobelara: «Aitonak negozioa muntatzen du, seme-alabek mantentzen dute, eta bilobek pikutara bidaltzen dute. Gero beti dago dena beretzat hartu nahi duen lehengusuren bat ere». Hor egosiko dira, beraz, norgehiagokak, inbidiak, familia barruko sekretuak, azpijokoak, eta baita hildakoak ere. «Bat baino gehiago». Gervasio Egurra eta Nieves Otaduiren ondorengoei egokituko zaie hori guztia kudeatzea. Egurra eta Otadui izan ziren herritik atera, Bilbora lekualdatu eta argitaletxea martxan jarri zutenak. Garai bateko negozio txikia, ordea, puntako editorial bihurtuko da, eta liburuarekin edo literaturarekin zerikusi gutxi duten jardunak nahasiko dira ofizioan. Egurra hil zen, eta Otadui izango da elkarrekin hasitako bideak izango dituen gorabeheren lekuko. Badago hari lotutako beste hari bat ere kontakizunean, pertsonaia ezaugarrituko duena: izan zuen lehen haurra jaio bezain pronto kendu zioten, eta haren patuaren gaineko galderak daramatza arrastan. «Aktore bat bere munduan» Ohi duenez, Ereinekin argitaratu du lan berria Martinez de Lezeak, eta, bertako editore Inazio Mujikak esan duenez, «nobela ezberdin bat» osatu du lan honekin idazleak. «Zaila dena hainbesteren ondoren». Intriga, sexua, 36ko gerra, enpresa mundua, ustelkeria politikoa eta beste zerrendatu ditu Mujikak nobelako elementuen artean, eta guztien gainetik bat azpimarratu du: «Garaikidetasuna». Editore den aldetik, eleberriak deskribatzen duen errealitatea «urrunagoa» zaiola esan du. «Berak ondo ezagutzen du. Aktore bat da bera ere mundu horretan». Inor seinalatzeko asmorik ez duela izan argitu du egileak. Jarduteko modu batzuk erakusten saiatu dela. Martinez de Lezea: «Badaude liburu onen aldeko bokazioa duten editoreak, eta badaude hori bost axola zaienak, saldu besterik nahi ez dutenak. Eta berdin idazleen artean ere. Ez diot inori ezer aurpegiratuko; bakoitzak atera behar du aurrera berea. Baina bereiz ditzagun».
2020-10-27
https://www.berria.eus/albisteak/188878/baldintzapean-aske-gelditu-da-fernando-alonso-abad-euskal-presoa.htm
Politika
Baldintzapean aske gelditu da Fernando Alonso Abad euskal presoa
24 urte eman ditu preso. Martuteneko presondegian zegoen, hirugarren graduan.
Baldintzapean aske gelditu da Fernando Alonso Abad euskal presoa. 24 urte eman ditu preso. Martuteneko presondegian zegoen, hirugarren graduan.
Fernando Alonso Abad euskal presoa baldintzapean aske gelditu da 24 urte presondegian eman ondotik. Espainiako hainbat presondegitan egon da orain arte, eta hirugarren graduan eman ditu azken hilabeteak Martutenen (Gipuzkoa). Apirilean onartu zioten erregimen malgutzea, baina koronabirusak eragindako krisiaren ondorioz, hilabete batzuk beranduago gauzatu zen. 1996an atxilotu zuen Guardia Zibilak Andoni Murga Zenarruzabetiarekin batera, ETAko kidea izatea leporatuta. Egin egunkariko kazetariak ziren biak. Presondegian egon den urteetan zehar liburu bat baino gehiago idatzi ditu Alonso Abadek, horien artean, El repartidor de sueños (amets banatzailea) ipuin bilduma 2000. urtean, eta ¿Por qué luchamos los vascos? (zergatik borrokatzen dugu euskaldunok?) saiakera 2004. urtean.
2020-10-27
https://www.berria.eus/albisteak/188879/akordioa-lortu-dute-epelek-eta-pilotariek.htm
Kirola
Akordioa lortu dute EPELek eta pilotariek
Grebalariek onartu egin dute enpresen ligak egindako eskaintza, eta bertan behera utzi dute lanuztea. Iosu Eskirozi, Victor Estebani, Unai Lasori eta Jon Mariezkurrenari kontratuak berrituko dizkiete.
Akordioa lortu dute EPELek eta pilotariek. Grebalariek onartu egin dute enpresen ligak egindako eskaintza, eta bertan behera utzi dute lanuztea. Iosu Eskirozi, Victor Estebani, Unai Lasori eta Jon Mariezkurrenari kontratuak berrituko dizkiete.
Kito. Amaitu da pilota mundua inoiz ez bezala astindu duen lurrikara. Bukatu da Baiko enpresako eta haren pilotari gehienen arteko lan gatazka. Akordioa lortu dute Baikok eta Aspek osatzen duten EPEL enpresen ligak eta hamabost pilotari grebalariek. Gaur arratsaldean itxi dute tratua, eta, horren ondorioz, bertan behera geratu da azaroaren 30era arte deituta zegoen lanuztea. Hamabost pilotari horiek jokatzeari ekingo diote berriro asteburu honetatik aurrera. ELA sindikatuaren arabera, pilotariek euren aldarrikapen nagusiak eskuratu dituzte. Akordioak sektore guztian izango du eragina, eta, beraz, bi enpresetako pilotariei eragingo die. Azken asteetan eztabaidagai izan diren hainbat kontu biltzen ditu hitzarmenak; tartean, EPELek hitzeman du Josu Eskirozen, Jon Mariezkurrenaren, Unai Lasoren eta Victor Estebanen kontratuak berrituko dituela, «bakoitza epe ezberdin batean». Aurrerantzean, pilotarien gutxieneko soldata urtean 25.000 eurokoa izango da, betiere jaialdiak gutxienez %80ko edukierarekin egiten hasten direnetik aurrera. Norgehiagoka estelarra jokatzeagatik ere gehigarri bat jasoko dute, eta Hego Euskal Herritik kanpo jokatzen dutenean ere gainsariak izango dituzte. Soldata baxuenak dituzten pilotariei esklusibitate klausulak malgutzea ere adostu dute bi aldeek. Zehaztutako neurri guztiak, ordea, ez dira ekonomikoak. Enpresek «adostutako barne araubidea» izan beharko dute etorkizunean, eta aldatu egingo dira entrenamenduei buruzko arauak: pilotariek aukeratu ahal izango dute enpresak zuzendutako entrenamenduetara joan edo euren kontura entrenatu. Beste hainbat konpromiso ere hartu ditu EPELek bere gain, botileroei, informazio eskubideari, lan egutegiari, lehiaketa egutegiari eta beste gai batzuei dagozkienak. Jarduna berreskuratzea Hiru asteburu luze egin dituzte lehiatu gabe, joan den urriaren 9an greba hasi zutenetik, hain zuzen, eta, orain, pilotarien %90ek sinatu behar dute akordioa baliozkoa izateko. Haiek itzulita, pilotak ohiko jarduna berreskuratuko du, eta pilotalekuko kantxan gertatzen denak bereganatuko du arreta; hau da, lehiak besterik ez. Hilabete eta erdi iraun duen lan gatazkak muturrera eraman du ezkerpareta profesionala, baina, pilotazaleen zorionerako, amaitu egin da. Duela hiru aste bildu ziren aurrenekoz bi aldeak. Ahalegin ustela izan zen. Ez zen inolako aurrerapausorik eman, eta pilotari grebalarien ordezkariek «oso burumakur» etxeratu ziren. «Gardentasun falta» leporatu zioten enpresari. Bi aste geroago egindako bigarren bileran, berriz, «hurbilketa» izan zela esan zuten. Ordutik, «aurrerapauso txikiak» emanez joan ziren, eta gaur, azkenean, akordio bat lortu dute lan gatazka amaitzeko. ELAk pilotariak zoriondu nahi izan ditu akordioagatik. Ohar baten bidez, hala adierazi du sindikatuak: «Prozesu honen emaitzak erakusten du oso garrantzitsua dela sindikatu batean antolatzea, baita kirol profesionalean ere, lan-baldintzak hobetzeko berme bakarra baita. Agerian geratu da, haien borrokarik gabe, akordio hori ez zela existituko».
2020-10-27
https://www.berria.eus/albisteak/188880/kronologia.htm
Kronologia
Kronologia.
Irailak 15. Baiko enpresako pilotari gehienek prentsaurrekoa eman zuten Tolosako (Gipuzkoa) Beotibar pilotalekuan, eta enpresari eskatu zioten «azkenaldiko jarrerak eta jokabideak» alda zitzala. Hori egin ezean, mobilizazioak egiteko «prest» azaldu ziren. Victor Estebanek eta Iosu Eskirozek ez jarraitzea salatu zuten, baita Jose Ramon Garai zuzendari nagusiarengandik jasotako «tratu txarra» ere. Pilotari profesionaletan elkarte bat sortzeko asmoa azaldu zuten. Irailak 20. Baikok jakinarazi zuen Unai Lasok ez zuela kontratua berritzeko eskaintza onartu, eta ez zuela jarraituko enpresan. Irailak 23. Olaizola II.ak, Urrutikoetxeak eta Imazek izan ezik, Baikoko pilotari guztiek salatu zuten enpresak ez ziela ezer esan egindako eskaerez, eta Garairen jarrerak, «aldatu beharrean, orain arteko bide autoritario beretik» jarraitzen zuela. Lasok enpresan ez jarraitzea deitoratu zuten, eta laguntza eskatu zieten erakunde publikoei, arazoa konpontzeko. Irailak 26. Baikok jakinarazi zuen Jon Mariezkurrenak ez zuela kontratua berritzeko eskaintza onartu. Enpresak «gehiegizkotzat» jo zituen pilotariak egindako eskaerak. Mariezkurrenak, berriz, salatu zuen «lotsagarria» zela horren eskaintza baxuak egitea. «Guk ez dugula berritu nahi izan esan nahi dute. Nire eskaerak gehiegizkoak izan direla diote, baina eskatu dudan gauza bakarra lan baldintza duinak edukitzea izan da». Pilotari taldeak «babesa» azaldu zion Mariezkurrenari, eta salatu zuen enpresari bilera eskatu ziotela, baina «betiko erantzuna» jaso zutela: «isiltasuna». Haien batasuna «usteldu» nahi izana egotzi zioten ere enpresari. Irailak 27. Imazek salatu zuen pilotari batzuk ez zirela «ondo» portatu berarekin. Irailak 28. Unai Lasok kritika oso gogorrak egin zizkion Baikori Berriari emandako elkarrizketa batean. Besteak beste, salatu zuen enpresak berritzeko egin zion eskaintza ez zela duina. Mariezkurrenak, berriz, enpresari «informazioa filtratu» izana leporatu zion Imazi. Egun berean, Aspeko pilotariek Baikon akordioa lortzeko «pausoak» eman zitezela eskatu zuten. Urriak 1. Garaik prentsaurrekoa eman zuen, eta bertan esan zuen COVID-19ak eragindako egoera ekonomiko txarrari egokitu behar izan zutela. Pilotariekin hitz egiteko «prest» azaldu zen. Urriak 2. Pilotariek hamabi eguneko greba deitu zuten. «Gutxieneko lan baldintzak, errespetua eta gardentasun ekonomikoa» eskatu zizkioten Baikori, baita enpresatik kanpo geratutako pilotarien kasuak «berriro aztertzeko» ere. Urriak 7. Baikoko arduradunek eta pilotarien taldeko ordezkariek bilera egin zuten Bilbon. Amaieran, pilotarien ordezkariek esan zuten «ilusioz eta gogoz» joan zirela bilerara, baina «oso burumakur, etsita eta desilusio erabatekoz» etxeratuko zirela. «Gardentasun eta borondate falta» egotzi zioten enpresari, eta greba deialdiari eutsi zioten. Garai, berriz, hitz egiteko «prest» azaldu zen. Bilera hasi aurretik, Imazek salaketa jarri zuen Mariezkurrenaren aurka, hark haren aurka egindako adierazpenengatik. Urriak 8. Pilotariek bozketa egin zuten, eta aho batez erabaki zuten greba egitea. Aspeko pilotariek erabaki zuten ez jokatzea Baikok antolatutako jaialdiak. Urriak 10. Agirre-Albisu ez ziren aurkeztu Ezkurdia-Bikuñaren aurkakora, eta Enpresen Ligako epaileak galdutzat eman zien lehia. ELAk iragarri zuen salaketa jarriko zuela. Urriak 13. ELAk salaketa jarri zuen, eta kautela neurriak eskatu zituen, finala atzeratu zedin. Urriak 16. Epaileak kautelazko neurriak onartu zituen, eta finala bertan behera utzi zuen. Urriak 19. Jokin Altunak, Joseba Ezkurdiak, Aimar Olaizolak eta Mikel Urrutikoetxeak Pilotarien Elkartea sortu zutela jakinarazi zuten. Urriak 20. Baikok eta pilotari grebalarien ordezkariek bigarren bilera egin zuten, baina ez zen akordiorik izan. Grebalarien ordezkariek esan zuten «hurbilketa» egon zela, baina «akordio sendoak» eskatu zizkioten Baikori. Urriak 21. Pilotari grebalariek aho batez erabaki zuten lanuztea azaro amaiera arte luzatzea. halaber, jakinarazi zuten ez zutela Pilotarien Elkarteakin bat egingo. Hura sortzeko moduari kritikak egin zizkioten. Urriak 23. Altunak eta Ezkurdiak ohar batean esan zuten «borondate onenarekin eta zentzuzko irtenbide bat bilatzeko asmoz» osatu zutela Pilotarien Elkartea. «Ez gaituzte erabili», azpimarratu zuten. Gaur. EPEL eta grebalariak akordio batera iritsi dira lanuztea bertan behera uzteko.
2020-10-27
https://www.berria.eus/albisteak/188881/woodsek-irabazi-du-uribarri-gaubean.htm
Kirola
Woodsek irabazi du Uribarri Gaubean
Azkeneko kilometroan utzi ditu atzean iheskideak, tartean bigarren izan den Omar Fraile. Richard Carapazek eutsi dio lehen postuari.
Woodsek irabazi du Uribarri Gaubean. Azkeneko kilometroan utzi ditu atzean iheskideak, tartean bigarren izan den Omar Fraile. Richard Carapazek eutsi dio lehen postuari.
Michael Woods (EFP) izan da azkarrena Uribarri Gaubeako helmuga zeharkatzen, Espainiako Vueltako zazpigarren etapan. Azkeneko kilometroan egin die ospa iheskideei; tartean zen Omar Fraile (Astana). Bigarren egin du euskal herritarrak, eta hirugarren Alejandro Valverde (Movistar) izan da. Lau segundora sartu dira bi horiek, eta zortzira beste bi iheskideak: Nans Peters (Ag2r) eta Guillaume Martin (Cofidis). 159 kilometroko etapa Gasteizen hasi da, eta ibilbide gorabeheratsua zuten aurretik txirrindulariek. Urduñako gaina, lehen mailakoa, bi bider igo behar izan dute. Egokia zen ihesaldiak sortzeko, eta hasiera-hasieratik izan dira saialdiak. Azkenean, 34 laguneko ihesaldiak egin du aurrera, eta hor zen Valverde. Hura zen arriskutsuena Carapazentzat, hiru minutura zegoelako sailkapenean. Horregatik, Ineos taldeak lan egin behar izan du etapa osoan, aurrekoek alde handia har ez zezaten. Urduñako bigarren igoera hastear zirela, ordea, estu samar ibili da Ingalaterrako taldea. 2.25 minutukoa izan da aldea, eta 2.45ekoa ere bai, Valverdek taldetxotik ospa egin duenean Dorian Godon (Ag2r) eta Stan Dewulfekin (Lotto). Valverdi aurretik tiraka, eta bitartean, tropelaren buruan, denak ematen, Chris Froome (Ineos), bi handi nor baino nor. Carapazen taldeak lasaitua hartu du iheslari guztiek bat egin dutenean, helmugatik 35 kilometrora. Minutu baten aldea baino ez zeukaten iheslariek. Urduña igotzeko hiru kilometro falta zirenean egin du aurrera Woodsek, eta hamalau segundoren aldea atera die goian Valverderi, Fraileri, Martini eta Petersi. Beheranzkoan egin dute bat bostek, eta zazpi kilometro falta zirenean, Martinek jo du erasoa, baita Frailek ere, bi bider. Azkenean, kilometroa falta zenean, Woodsek egin du ihes, eta harentzat izan da etapa. Bigarrena du Espainiako Vueltan, eta biak Euskal Herrian lortuak; aurrenekoa iazkoa du, Oizekoa.
2020-10-27
https://www.berria.eus/albisteak/188882/emakunde-saria-jaso-du-cony-carranzak.htm
Gizartea
Emakunde saria jaso du Cony Carranzak
Emakume migratuen alde egindako lana aitortu dio Emakundek, Gasteizen egindako ekitaldian. Atzerritarren Legea baliogabetzea galdegin du Carranzak.
Emakunde saria jaso du Cony Carranzak. Emakume migratuen alde egindako lana aitortu dio Emakundek, Gasteizen egindako ekitaldian. Atzerritarren Legea baliogabetzea galdegin du Carranzak.
Cony Carranza Castro hezitzaile eta soziologoaren eskuetan dago jada 2019ko Emakunde saria; Gasteizen egin dute gaur arratsaldean saria emateko ekitaldia, eta han izan dira Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria eta Beatriz Artolazabal Berdintasun sailburua. El Salvadorren jaioa da Carranza, eta 2004an etorri zen Euskal Herrira. Ordutik emakume migratuen alde egindako lana aitortu dio Emakundek sariaren bidez, eta «andre etorkinek euskal gizarteari egindako ekarpena» ere txalotu du erakundeak. Hitza hartu duenean, bere bi lan ildo nagusiak aldarrikatu ditu Carranzak: feminismo «erradikala» eta herritarren pedagogia. Gogora ekarri du Emakunde saria jaso duen lehen migratzailea dela, eta Espainiako Atzerritarren Legea baliogabetzeko eskatu du, «arrazakeria instituzionalaren eta sozialaren oinarria» delako eta «migratuon lan eremua etxeko lanetara mugatzen duelako». Era berean, kezkatuta agertu da COVID-19aren izurriak emakume etorkinengan izaten ari den eraginaz, baita eskuin muturraren indarberritzeaz ere: «Faxismoak modua aurkitu du pandemian gorrotoa hedatzeko».