date
stringdate 2012-09-20 00:00:00
2023-12-01 00:00:00
| url
stringlengths 47
182
| category
stringclasses 10
values | title
stringlengths 3
140
| subtitle
stringlengths 0
1.17k
| summary
stringlengths 5
1.18k
| text
stringlengths 2
35.8k
|
|---|---|---|---|---|---|---|
2023-10-25
|
https://www.berria.eus/albisteak/234372/alokairuaren-prezioa-mugatzen-ahalko-dute-ipar-euskal-herriko-24-herritan.htm
|
Gizartea
|
Alokairuaren prezioa mugatzen ahalko dute Ipar Euskal Herriko 24 herritan
|
Egun agertu da alokairuak mugatu ahal izateko dekretua Frantziako Agerkari Ofizialean. Lapurdiko 24 herritan aplikatzen ahalko dute neurria; besteak beste, Angelun, Baionan eta Miarritzen.
|
Alokairuaren prezioa mugatzen ahalko dute Ipar Euskal Herriko 24 herritan. Egun agertu da alokairuak mugatu ahal izateko dekretua Frantziako Agerkari Ofizialean. Lapurdiko 24 herritan aplikatzen ahalko dute neurria; besteak beste, Angelun, Baionan eta Miarritzen.
|
Euskal Hirigune Elkargoak alokairuaren prezioa mugatzeko tresnak eskatu zituen, eta Frantziako Etxebizitzarako ministro delegatu Patrice Vergrietek uda honetan hitzeman zuen horretarako bidea irekiko zuela. Bada, egun agertu da dekretua Frantziako Agerkari Ofizialean: Lapurdiko tentsio handiko eremuko 24 herrietako alokairuen prezioa mugatzen ahalko du Euskal Hirigune Elkargoak. 2024an sartuko da indarrean neurria, herri bakoitzean alokairuen gehieneko prezioa zein izango den aztertu ondoan.
Alokairu garestiegiei aurre egiteko eta alokairu prezioen gehiegizko igoerei eusteko modu bat izango du, beraz, elkargoak herri horietan. Zehazki, udalerri hauetan: Baiona, Miarritze, Donibane Lohizune, Ahetze, Angelu, Arbona, Arrangoitze, Azkaine, Basusarri, Bidarte, Biriatu, Bokale, Ziburu, Getaria, Hendaia, Jatsu, Lehuntze, Larresoro, Mugerre, Hiriburu, Urketa, Urruña, Uztaritze eta Milafranga.
Herri bakoitzeko gehienezko alokairua finkatzeko, Pirinio Atlantikoetako Prefeturak Alokairuen Behatokiaren datuei begiratu beharko die. Oraingo eta lehengo alokairuak so eginez, gehienezko prezio bat eta batez besteko prezio bat ezarriko ditu. Prefeturak 2024rako eman beharko ditu datu horiek, eta hori egin ondoan sartuko da indarrean legea.
Alda elkarteak ontzat jo du dekretua: «Espero izatekoa da neurri horrek eta konpentsazio legeak merkatuko prezioetan eragina izanen dutela eta zenbait espekulazio praktika geldiaraziko dituztela».
|
2023-10-25
|
https://www.berria.eus/albisteak/234373/etxarri-aranazko-ikastolak-zangozakoari-eman-dio-nafarroa-oinez-en-lekukoa.htm
|
Gizartea
|
Etxarri Aranazko ikastolak Zangozakoari eman dio Nafarroa Oinez-en lekukoa
|
Andra Mari ikastolako ordezkariak «oso pozik» agertu dira urriaren 8an bildutako jendetzarekin, eta «betetzat» jo dituzte hasieran jarritako helburuak.
|
Etxarri Aranazko ikastolak Zangozakoari eman dio Nafarroa Oinez-en lekukoa. Andra Mari ikastolako ordezkariak «oso pozik» agertu dira urriaren 8an bildutako jendetzarekin, eta «betetzat» jo dituzte hasieran jarritako helburuak.
|
Heldu den urtean, Zangozan piztuko da Nafarroako ikastolen festa. Gaur egin dute 2024ko Nafarroa Oinez-en aurkezpena, Iruñean, Nafarroako Ikastolen Elkartearen egoitzan, eta han izan dira ikastolako arduradunak eta baita Etxarri Aranazko Andra Mari Ikastolako ordezkariak ere, iragan berri den festaren balorazioa egin eta lekukoa zangozarren esku uzteko. Datorren urteko Nafarroa Oinez-en leloa Piztu! izanen da; irudia, berriz, kolore anitzeko errainuak lau haizeetara zabaltzen dituen eguzki bat.
Andra Mari ikastolako kideak «oso pozik» azaldu dira urriaren 8an Etxarri Aranatzen ospatutako festak izan zuen «harrera bikainagatik», eta Sakanan jendetza bildu zela nabarmendu dute, besteak beste: «Milaka eta milaka euskaltzale etorri ziren hotsein! lelopean ospatu zen festara, eta eguraldia lagun, programatutako jarduera guztiak normal egin ahal izan ziren: kontzertuak, tailerrak, haurrentzako jolasak, dantzak eta abar eta abar».
Iñigo Orellak, Andra Mari Ikastolako zuzendariak, boluntarioen lana eskertu du eta, horretaz gain, baita Nafarroa Oinez-ekin bat egindako guztien ekarpena ere: «Familiak, ikasleak, langileak, sortzaileak, ikasle ohiak, Sakanako biztanleak eta babesleak, besteak beste». Orellak gogorarazi du duela urte eta erdi onartu zutela Nafarroa Oinez antolatzeko erronka, eta ordutik berrehundik gora lagun aritu direla antolaketa lanetan urte osoan, eta mila inguru egunean bertan. Orellaren esanetan, «auzolanaren filosofia, ideia, oraindik bizirik dagoela» frogatzen du horrek: «Nafarroa Oinez honek gauza asko eman dizkio gure ikastolari, baina bat azpimarratu nahiko nuke: kohesioa. Azken urte eta erdi honen ondoren komunitate kohesionatuagoa gara».
Ofizialtasuna aldarri
Andra Mari ikastolako lehendakariorde Izaskun Errazkinek Etxarri Aranazko ikastetxearen «koherentzia» azpimarratu du, hizkuntza eskubideen aldarriari eutsi baitiote urte hauetan guztietan: «1989ko Nafarroa Oinez Nafarroa euskaldun lelopean ospatu genuen, eta, 34 urte geroago, antzeko aldarrikapena gogorarazi dugu: euskara ofiziala Nafarroa osoan. 1996ko leloak, Herrikolorek, anbiguetatez jokatzen zuen, eta hitz jokoa egin herri koloretsu baten eta herriko loreen artean; harrotasunez esan dezakegu oraindik ere Andra Mari ikastola lore koloretsu bat dela, aniztasunari ateak irekitzen dizkiona. 2009ko Nafarroa Oinez-en, berriz, gure hizkuntzaren handitasuna azpimarratu genuen Txikiak handi leloarekin. Gaur egun ozen esan dezakegu hemendik aurrera ere koherentziaz jokatuko dugula gero eta ozenago hots egiteko euskararen, aniztasunaren, auzolanaren eta gure proiektu eraldatzailearen alde».
Amaitzeko, Etxarriko ikastolako ordezkariek «babes osoa» adierazi diote Zangozako ikastolari, 2024ko Nafarroa Oinez antolatzeko «erronkari indarrez hel diezaioten».
|
2023-10-25
|
https://www.berria.eus/albisteak/234374/urrezko-pioletak-jirishanca-pumari-chhish-ekialdekoa-eta-jugal-spire.htm
|
albisteak
|
Urrezko Pioletak: Jirishanca, Pumari Chhish Ekialdekoa eta Jugal Spire
|
Alik Berg eta Quentin Roberts kanadarrek, Christophe Ogier, Victor Saucede eta Jerome Sullivan frantsesek eta Paul Ramsden eta Tim Miller britainiarrek jasoko dute garaikur preziatua. Ibilbide osoari ematen zaion Urrezko Pioleta George Lowe estatubatuarrak jasoko du.
|
Urrezko Pioletak: Jirishanca, Pumari Chhish Ekialdekoa eta Jugal Spire. Alik Berg eta Quentin Roberts kanadarrek, Christophe Ogier, Victor Saucede eta Jerome Sullivan frantsesek eta Paul Ramsden eta Tim Miller britainiarrek jasoko dute garaikur preziatua. Ibilbide osoari ematen zaion Urrezko Pioleta George Lowe estatubatuarrak jasoko du.
|
Jakinarazi dituzte 2022ko igoera onenen Urrezko Pioletak; iragarri dute zer eskaladak eta eskalatzailek jasoko dituzten garaikur preziatuak azaroaren 14tik 16ra bitartean Briançonen (Frantzia) egingo den ekitaldian. Hiru euskal eskalada zeuden 53 hautatuen artean, eta zerrenda horretan egotea bada nahikoa aitortza, baina beste batzuk izan dira hautatuak. Hiru igoera hauek, hain zuzen: Alik Berg eta Quentin Roberts kanadarrek Jirishanca mendian (6.094 m, Huayuash mendilerroa, Peru) hego-hegoekialdeko ertzean eginiko eskalada; Christophe Ogier, Victor Saucede eta Jerome Sullivan frantsesek Pumari Chhish Ekialdekoa (6.850 m, Hispar Muztagh, Karakorum, Pakistan) mendian eginiko lehen igoera; eta Paul Ramsden eta Tim Miller britainiarrek Nepaleko Jugal Spire edo Dorje Lhakpa II (6.563 m) mendian eginiko lehen igoera.
Pumari Chhish Ekialdekoa (6.850 m), bost egun muga-mugan
Christophe Ogier, Victor Saucede eta Jerome Sullivan frantsesek seigarren espedizioa zuten Pumari Chhish Ekialdekoa mendiaren hego aurpegi tente eta teknikoan. 2007an egin zuten lehen saiakera Hispar Muztagh mendiguneko orratz puska horretan, eta, azkenik, iaz lortu zuten gailurra. Zabaldutako bideak, The Crystal Ship, 1.600 metro ditu, hasierako zatian hego aurpegian gora egiten du, eta goiko partean, berriz, mendebaldeko ertzari jarraitzen dio. Librean 6b, artifizialean A2 eta mistoan M7ko zailtasunak ditu. Frantsesek bost egun egin zituzten horman, muga-mugan, bibak nahiko prekarioak eta arriskutsuak eginez; 6b graduko pasarteak gainditu zituzten bota handiekin, baita elurrezko perretxiko ezegonkorrak ere, harik eta ekainaren 29an gailurra jo zuten arte.
«Lerro dotorea da, gora egin ahala zer etor zitekeen jakin gabe zabaldua, Pakistanen gainditzeko zegoen mendi teknikoenetako batean. Ez da mendi eta isuri horretan har zitekeen aukerarik errazena, baina bai seguruenetakoa, lerroaren bertikaltasuna eta zailtasun jarraia aintzat hartuta; izan ere, bidea zuzen-zuzen doa gailurreraino. Talde lanaren eta taldeko espirituaren emaitza izan da, hein handi batean, eskalada hau», azpimarratu du epaimahaiak.
Jirishanca (6.094 m), elur perretxikoen artean
Alik Berg eta Quentin Roberts kanadarrek Jirishanca mendiaren HHE ezproiaren lehen igoera osatu zuten joan den urtean uztailaren 21etik 23ra. Peruko Huayuash mendilerroko mendirik altuenetakoa eta zailenetakoa da Jirishanca. Bi eskalatzaileek elur eta izotzezko perretxiko bertikal ugari gainditu behar izan zituzten ertzean, eta hortik bideari emandako izena: Reino Hongo (1.000 m, M7 AI5+ 90 gradu). Bistaz, hiru egunetan, ekinaldi bakarrean eta erabat alpinoan egin zuten eskalada. «Lerro inspiratzailea da, zuzen-zuzen doa gailurreraino, eta Urrezko Pioletek sustatu nahi duten estilo eta abentura espirituarekin zabaldua izan da», nabarmendu du epaimahaiak.
Jirishanca (6.094 m) eta Reino hongo bidea. Quentin Roberts
Jugal Spire (6.563 m), bosgarren urrezko pioleta Ramsdenentzat
Paul Ramsdenek ametsak elikatzen eman zuen COVIDak eragindako itxialdia, etorkizunean zer mendi eskalatu bilatzen. Eta, irteteko aukera ikusi zuen orduko, Nepalera jo zuen Tim Miller gaztearekin batera, Jugal Spire edo Dorje Lhakpa II orratz ikusgarrira (6.850 m). Mendi horren ipar horma eskalatu gabea hartu zuten jomuga. Ramsdenek ikusi zuen izotzezko lerro batek zeharkatzen zuela harkaitzezko hormatzar hura, zati batean behintzat, baina tarte handi bat ezkutuan geratzen zen, eta ez zegoen jakiterik izotzak jarraipenik zuen ala ez. Nolanahi ere, saiatzea erabaki zuten. Horixe da esplorazioko alpinismoa. Lehen egunean, eskalada mistoko pasarte oso teknikoak eta babesteko zailak gainditu zituzten, bibak eroso batera arte. Ondoren, horma harritsu tenteari ekin zioten. Harriturik, ezkutuko tximinia segida bat aurkitu zuten, harkaitz lauzen atzean. «Eskozioako eskalada bete-betekoa zirudien», Ramsdenen hitzetan. Bigarren bibakean, euri erauntsi bortitzak denda txikitu zien. Hirugarrena atseginagoa izan zen, baina jada dendarik gabe. Laugarren bibaka gailur aldeko sabai izoztuen azpian igaro zuten, haitzulo natural batean. Bosgarren egunean, 37 luzeren ondoren, jo zuten gailurra. Jaitsiera hegoaldetik eta mendebaldetik egin zuten, rappel ilara luzearen ondoren.
Ez da harritzekoa bideari The Phantom Line (1.300 m, ED) izena eman izana, hormaren zati handi bat ezkutuan geratzen baitzen. Ramsdenek adierazi zuen «inoiz eskalatutako lerrorik onenetakoa» izan zela, eta hori esatea asko esatea da. Eskalatzaile britainiarrak bosgarren urrezko pioleta du hau. Lehen hirurak Mick Fowlerrekin jaso zituen: lehena 2003an, duela hogei urte, Txinako Siguniang mendian eginiko igoeragatik; bigarrena 2013an, Shiva mendian (Indiako Himalaia) eginiko eskaladagatik; eta hirugarrena 2016an, Nepaleko Gave Ding mendian eginiko jardueragatik. Laugarrena 2017an jaso zuen, Tibeteko Nyainquentangla mendian eginiko igoeragatik, Nick Bullock sokakide zuela.
Jugal Spire (6.563 m) eta The Phantom Line bidea. Paul Ramsden
«Anbizio handiko esplorazioko alpinismoaren adibiderik onena da eskalada hau, estilo alpino sinplean baina eraginkorrean egina: bi zaku, bi soka, kanpadenda bat eta jumarrik, paraboltik eta eguraldi iragarpenik batere ez», nabarmendu du epaimahaiak.
Aipamen berezia: Northern Sun Spire (1.527 m)
Urrezko Pioletetan aipamen berezi bat jasoko du aurten emakume talde batek Groenlandiako Northern Sun Spire orratzean (1.527 m) eginiko jarduerak. Caro North suitzarrak, Nadia Royo espainiarrak eta Capucine Cotteaux frantsesak burutu zuten eskalada, eta Sedna (780 m, 6b-, 7b+) izena eman zioten bideari. Epaimahaiak talde osoaren lana goretsi du, gailurrera iritsi ziren hiru emakumeez gain, beste hainbat emakume ere baitziren taldean: Marta Guemes espainiarra —bera zen espedizioburua—, Caroline Dehais eta Alix Jaekkel frantziarrak eta Marisol Massera argentinarra. Horma eskalatu aurretik, eta karbono aztarna ahalik eta txikiena uzteko asmoarekin, Arroxelatik (Frantzia) Groenlandiako ekialdeko fiordoetaraino itsasontziz joan ziren, itsaso zakarretan eta izoztutako itsasarteetan. Eta eskaladaren ondoren, itzuliko bidaia ere itsasoz egin zuten. Epaimahaiak «nazioarteko emakume talde indartsu honen abentura bikaina» nabarmendu du.
Azkenik, ibilbide osoari eman ohi zaion Urrezko Pioleta George Lowe estatubatuarrak jasoko du aurten.
|
2023-10-25
|
https://www.berria.eus/albisteak/234375/tratu-txarretatik-babesteko-zentro-batetik-andre-bat-falta-da-eta-erasotzailearen-bila-dabiltza.htm
|
Gizartea
|
Tratu txarretatik babesteko zentro batetik andre bat falta da, eta erasotzailearen bila dabiltza
|
Gipuzkoako Foru Aldundiak baieztatu du zentrotik falta direla emakumea eta haren ume txikia, eta Ertzaintzak, berriz, ikerketa bat abian dela
|
Tratu txarretatik babesteko zentro batetik andre bat falta da, eta erasotzailearen bila dabiltza. Gipuzkoako Foru Aldundiak baieztatu du zentrotik falta direla emakumea eta haren ume txikia, eta Ertzaintzak, berriz, ikerketa bat abian dela
|
Emakume gazte bat da falta da, bere ume txikiarekin, Gipuzkoako Diputazioak indarkeria matxista pairatzen duten andreei harrera egiteko duen zentro batetik. Aldundiak ez du baieztatu zer babes maila ezarria zuen emakume horrek erasotzailearengandik babesteko, eta ertzainek ere ez dute halakorik zehaztu; hedabideen bidez zabaldu da, hala ere, halakoetan ematen den babes maila handiena zeukala ezarrita, eta zentrotik ateratzen zen aldiro Poliziak zaindu behar izaten zuela.
Ertzainek baieztatu dute ikerketa bat abian dagoela, eta erasotzailea bilatzeko eta atzemateko agindua emanda dagoela. Izan ere, susmoa dute andrea harekin dagoela.
Aldundiak gogora ekarri du indarkeria matxista pairatzen duten andreentzako babes zentroak ez direla itxiak izaten, eta horietatik irteteko era izaten dutela erabiltzaileek, kasu bakoitzean ezarrita dauden babes neurriak konplituta; aditzera eman dutenez, irteera horietako batean atera, eta ordutik falta dira andre gaztea eta umetxoa.
Larunbatetik falta dira, zehazki. Aldundiaren bidez jakin zuten ertzainek andrea ez zela itzuli zentrora, eta orduan hasi zen Polizia bila.
|
2023-10-25
|
https://www.berria.eus/albisteak/234376/japoniako-gorenak-konstituzioaren-aurkakotzat-jo-du-sexua-legez-aldatzean-antzutu-beharra.htm
|
Mundua
|
Japoniako Gorenak konstituzioaren aurkakotzat jo du sexua legez aldatzean antzutu beharra
|
Epaileek argudiatu dute arauak mugatu egiten duela «pertsona batek duen eskubidea bere borondatearen kontra gorputza inbaditu ez diezaioten».
|
Japoniako Gorenak konstituzioaren aurkakotzat jo du sexua legez aldatzean antzutu beharra. Epaileek argudiatu dute arauak mugatu egiten duela «pertsona batek duen eskubidea bere borondatearen kontra gorputza inbaditu ez diezaioten».
|
Japoniako Auzitegi Gorenak ebatzi du konstituzioaren kontrakoa dela sexua legez aldatu nahi dutenak antzutzera behartzea. Hamabost epaileen erabakia aho batezkoa izan da; argudiatu dute arauak behartu egiten duela «erabaki gogor bat» hartzera, «edo operatu edo sexua aldatzeko erabakia bertan behera utzi».
2004an sartu zen indarrean legea, eta sexua legez aldatu nahi dutenei eskatzen diete, batetik, genero disforia diagnostiko bat aurkezteko —gutxienez bi medikuk egina—, eta, bestetik, bost baldintza betetzeko. Honako hauek dira: gutxienez 18 urte izatea; ezkonduta ez egotea; adingabeko haurrik ez izatea; «beste sexuaren antzeko organo genitalak» izatea; eta «ugalketa guruinik ez izatea» edo horiek «beren funtzioa galdua izatea».
Emakume transexual batek aurkeztu zuen salaketa, eta haren abokatuek argudiatu zuten azken bi baldintza horiek urratu egiten zutela, besteak beste, diskriminaziorik gabe bizitzeko beren bezeroak duen eskubide konstituzionala, eta, aldi berean, «transexualei kalte fisikoak» eragiten zizkiela.
Epaileek ideia horiei ere egin diete erreferentzia erabakiaren berri ematean, esan baitute arauak mugatu egiten duela «pertsona batek duen eskubidea bere borondatearen kontra gorputza inbaditu ez diezaioten». 11.919 lagunek aldatu dute legez sexua Japonian, legea 2004an indarrean sartu zenetik iaz arte.
Gorenaren erabakiaren ondorioz, gobernuak eta parlamentuak legedia moldatu beharko dute azken baldintza horri dagokionez; epaileek, ordea, beste auzitegi batera bidali dute genitalei buruzko baldintza. Hori ikusirik, salatzaileak esan du, komunikatu baten bitartez, prozesu judizialaren emaitza ez dela «espero bezalakoa» izan: «Oso etsita nago nire sexu aldaketa ez delako orain gauzatuko».
Human Rights Watch gobernuz kanpoko erakundeak bide beretik jo du. Pozik agertu da lehen erabakiarekin, nahiz eta horretaz «berandu» ebatzi duten; eta, bigarrenari dagokionez, transexualen eskubideak babestu beharraz ohartarazi du.
Japonia kontserbadorea da arlo sozialeko aferei dagokienez. Hori bai, urteotako inkesta askoren arabera, handitzen ari da LGTBI kolektiboaren eskubideak jasotzen dituzten legeen aldeko jarrera. Halere, ez dute aurrerapauso askorik eman; horren adibide, Japonia da G7koen herrialde bakarra sexu berekoen ezkontza aitortzen ez duena.
|
2023-10-25
|
https://www.berria.eus/albisteak/234377/berriak-eta-eusko-ikaskuntzak-elkarlanerako-akordio-bat-sinatu-dute.htm
|
Gizartea
|
BERRIAk eta Eusko Ikaskuntzak elkarlanerako akordio bat sinatu dute
|
Edukiak zabaltzea sustatzeko eta zorroztasuna bermatzeko batu dituzte indarrak.
|
BERRIAk eta Eusko Ikaskuntzak elkarlanerako akordio bat sinatu dute. Edukiak zabaltzea sustatzeko eta zorroztasuna bermatzeko batu dituzte indarrak.
|
Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakariak eta Amagoia Mujika BERRIAko zuzendariak lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur, Martin Ugalde parkean (Andoain). Elkarlanak lau urte iraungo du, eta luzatzeko aukera izango da. Eusko Ikaskuntzaren jardueren eta proiektuen berri sakon eman ahal izango du BERRIAk, eta sakoneko elkarrizketak eta iritzi artikuluak koordinatuko dituzte garaian garaiko proiektuen berri zabaltzeko.
«Harreman kualifikatuen sare bat eratzea» da asmoa. Erakunde biek arnasa luzeko eta kalitatezko informazioaren alde lan egiten dute, batak aktualitatea era kritikoan interpretatuz eta, besteak, berriz, euskal gizartearen beharretatik sortutako proiektu estrategikoak landuz. Hortaz, batak besteari gaiak proposatzeko beta ere izango dute.
Bai Eusko Ikaskuntzak eta bai BERRIAk Euskal Herriarekin duten konpromisoari eutsita, elkarlanean arituko dira gaiak lantzeko orduan euskal adituak identifikatzeko eta, hala, informazioa osatzeko. Bide beretik, eta hitzarmenaren eranskinean zehazten den modura, 2024rako aurreikusita dagoen Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresuaren berri emango du BERRIAk.
|
2023-10-26
|
https://www.berria.eus/albisteak/234378/israelek-jopuntuan-jarri-du-nbe.htm
|
Mundua
|
Israelek jopuntuan jarri du NBE
|
Guterresek Hamas justifikatzen duela argudiatuta, Tel Avivek jakinarazi du uko egingo diola NBEren ordezkariei bisa emateari. Erakundearen idazkari nagusiaren arabera, «gaizki» ulertu dira haren hitzak. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, «guztiz kolapsatuta» dago osasun sistema.
|
Israelek jopuntuan jarri du NBE. Guterresek Hamas justifikatzen duela argudiatuta, Tel Avivek jakinarazi du uko egingo diola NBEren ordezkariei bisa emateari. Erakundearen idazkari nagusiaren arabera, «gaizki» ulertu dira haren hitzak. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, «guztiz kolapsatuta» dago osasun sistema.
|
Irudituta NBE Nazio Batuen Erakundearen idazkari nagusi Antonio Guterresek Hamasen ekintzak justifikatu dituela, Israel erakunde horren kontrako erabakiak hartzen hasi da. Laguntza humanitariorako arduradun Martin Griffithsi herrialdean sartzeko bisa ukatu dio. Hango hedabideek kaleratu dutenez, hori jakinarazi du Israelek NBEn duen enbaxadore Gilad Erdanek, armadaren irratian: «[Guterresek] Egin dituen komentarioak aintzat hartuta, uko egingo diogu NBEren ordezkariei bisa emateari. Haiei lezio bat emateko ordua iritsi da». Atzo, NBEren Segurtasun Kontseiluan, Guterresek nabarmendu zuen ez zirela «ezerezetik sortu» Gazako miliziek urriaren 7an Israelen kontra egindako erasoak —1.400 pertsona inguru hil zituzten—. «Palestinako herriak 56 urte daramatza okupazio itogarri baten pean». Haren hitzek hautsak harrotu baino gehiago egin dutela aintzat hartuta, NBEko buruak agerraldi bat egin du, eta azpimarratu beretzat «kolpe handia» izan dela ikustea «gaizki» ulertu dela atzo eman zuen hitzaldiaren zati bat. «Ez nintzen ari Hamasen terrorea justifikatzen. Hori ez da egia. Kontrakoa egiten ari nintzen».
Guterresen atzoko hitzaldiaren ondoren, Israelek segituan erreakzionatu zuen, haren kontra eginez. Erdanek haren dimisioa eskatu zuen atzo X sare sozialean idatzitako mezu batean. «Bere komentarioekin, terrorismoa eta hilketak justifikatzen ari da». Eli Cohen Atzerri ministroa NBEko idazkari nagusiarekin berarekin biltzekoa zen, baina bilera bertan behera utzi zuen. «Ez dio lotsarik ematen?», adierazi zuen kazetarien aurrean. Eta Benny Gantz Israelgo Defentsa ministro ohi eta Urdina eta Zuria alderdiko buruak —gerrak eragindako larrialdiko gobernuko kidea da orain— «terrorismoaren apologia» egitea egotzi dio sare sozialetan.
NBEren idazkari nagusiak azaldu zuen orduan, besteak beste, Hamasek urriaren 7an egindako erasoak «izugarriak» izanagatik, Gazari ezarritako blokeoa «Palestinako herriari ezarritako zigor kolektibo bat» dela, eta horrek nazioarteko zuzenbidea urratzen duela. Hori horrela izanda ere, Erresuma Batua, esaterako, ez dago ados NBEko idazkari nagusiaren hitzekin. «Azken bi asteetan gertatutakoaz ari bada, ez dugu uste Israelek nazioarteko zuzenbidea urratu duenik. Nazioarteko zuzenbideak argi aitortzen du nazio batek bere burua defendatzeko eskubidea duela, eta Israel hori ari da egiten», adierazi du Robert Jenrick Immigrazio ministroak, Sky News telebistan egin dioten elkarrizketa batean.
PAN Palestinako Aginte Nazionalarentzat, berriz, Israelgo agintarien erreakzioa da Tel Avivek NBEren aurrean erakusten duen «errespetu faltaren hedatze bat». Ohar batean salatu duenez, Guterresen gaitasun juridikoa «neutralizatzeko beste saiakera bat» da Israelena. PANek leporatu dio Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroari «nazioarteko zilegitasunak ordezkatzen duena» urratzea.
Bestalde, Israelgo armadak oraingoz itxaron egin beharko du Gazan lehorreko ofentsiba hasteko. AEBek herenegun hala eskatuta, Israelek onartu du lehorreko erasoa «egun batzuk atzeratzea». AEBek Ekialde Hurbilean dituzten tropak babesteko aireko defentsa sistema berriak abian jarri arte itxarongo dute, The Wall Street Journal egunkariak Etxe Zuriko eta Tel Aviveko iturriak aipatuz kaleratu duenez. Defentsa sistema horiek Irakera, Siriara eta Jordaniara eramango lituzkete, besteak beste. Netanyahuk ez du halakorik baieztatu, baina ziurtatu du lehorreko ofentsibarako «prestatzen» ari direla, eta ez duela zehaztuko «hori noiz izango den».
Atzo Gazako agintariek jakinarazi zutenez, urriaren 7tik 6.500 palestinar inguru hil eta 17.400 zauritu ditu Israelek. Zisjordania okupatuan ere izan dira hildako gehiago; beste sei palestinar hil zituen Israelek asteartean, Palestinako Osasun Ministerioaren arabera, eta 105 dira urriaren 7tik. Horiek horrela, Europako Batasuneko liderrak gatazkaren «eten humanitario bat» eskatzekoak dira. Europar Kontseilua egingo dute bihar eta etzi Bruselan, eta hori jaso dute goi bileraren zirriborroan, hainbat hedabidek argitaratu dutenez.
Herrialde musulmanen deia
Palestinaren eta Israelen inguruko bi herrialde populatuenek bide diplomatikoa ibiltzeko deia egin dute. Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak lau eskaera egin ditu horrekin lotuta, AKP Justiziaren eta Garapenaren Aldeko Alderdiaren diputatuen aurrean parlamentuan emandako hitzaldi batean: erabateko su etena Israelen eta Hamasen artean; «berehala» negoziazioak hastea gerrako presoen askapena ahalbidetzeko; korridore humanitario bat irekitzea Gazan; eta Ekialde Hurbileko herrialdeek bilera bat egitea Palestinan. Erdoganek plazaratu du, gainera, herrialde musulmanek elkarrekin lan egin beharko luketela menia bat lortze aldera, eta jakinarazi du bertan behera utzi duela Israelera egitekoa zen bidaia ofizial bat. Horren harira, defendatu du Hamas ez dela «erakunde terrorista bat». «Bere lurrak eta herritarrak babesteko borrokatzen den askapen mugimendu bat da».
Abdel Fatah al-Sisi Egiptoko presidenteak ere esan du diplomazia dela irtenbide bat bilatzeko «bide bakarra», eta Egipto gatazkan jokatzen ari den rola aldarrikatu du, Suezen egindako desfile militar batean egindako agerraldian: «Gure bazkideekin batera, rol positibo bat jokatzen ari gara egoerari eusteko eta Gazako zibilei laguntzeko». Emmanuel Macron Frantziako presidentearekin biltzekoa zen atzo, Egipton.
Osasun sistema, «guztiz kolapsatuta»
Gazako osasun sistema «guztiz kolapsatuta eta guztiz zerbitzuz kanpo» dagoela jakinarazi du hango Osasun Ministerioaren bozeramaile Axraf al-Qudrak. Gaineratu du behargin faltagatik dagoela horrela, baita mediku ekipamenduen gabeziagatik ere. Horri aurre egiteko «berehalako erabakiak» eskatu ditu, ohar batean. «Nazioarteak ez zituen kontuan hartuta gure ohartarazpenak».
Horrekin lotuta, Unicefek datu bat plazaratu du: Israel duela ia hiru astetik Gazako zerrendan egiten ari den bonbardaketen ondorioz, laurehun adingabe inguru hiltzen edo zauritzen dira egunero han. Izan ere, NBE Nazio Batuen Erakundearen agentzia horrek kaleratutako ohar batean zehaztu duenez, azkeneko hemezortzi egunetan 2.360 adingaberen heriotzak jakinarazi dituzte, eta 5.364 haur zauritu dira.
Eta Unicefek ohartarazi du hildakoen kopurua «asko» handituko dela inkubagailuak huts egiten hasten badira, ospitaleak ixten badituzte, eta adingabeek segitzen badute kutsatutako ura edaten eta botikak eskuratu ezinik.
NBEren beste agentzia batek, UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak, astearte gauean jakinarazi zuen Gazako beren jarduna etetekoak zirela atzo gauean, erregai faltagatik. «Erregairik gabe ez da laguntza humanitariorik egongo, ez dute funtzionatuko erietxeek», iragarri zuen igandean Philippe Lazzarini UNRWAko zuzendari nagusiak. Larunbataz geroztik, laguntza humanitarioarekin lau konboi sartu dira Gazan, Rafahko pasabidetik; kamioiek ez dute erregairik garraiatu, ordea.
Agentziak horrek gaur ohartarazi du gerraren ondorioz Gazako «barne desplazatu askok» —600.000 inguru eragin ditu gatazkak— kalean igarotzen dutela gaua, NBEren 150 instalazioetan ez dagoelako lekurik denentzat.
|
2023-10-25
|
https://www.berria.eus/albisteak/234379/asmoa-dute-eaeko-hezkuntza-legea-azaroaren-29an-onartzeko-hezkuntza-batzordean.htm
|
Gizartea
|
Asmoa dute EAEko Hezkuntza Legea azaroaren 29an onartzeko Hezkuntza Batzordean
|
Gaur sortu dute Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean legearen zuzenketa partzialak eztabaidatzeko lantaldea, eta BERRIAk lortu du egutegia. Erreferentzia bat izango da, eta eskatu dute malgutasunez jokatzea.
|
Asmoa dute EAEko Hezkuntza Legea azaroaren 29an onartzeko Hezkuntza Batzordean. Gaur sortu dute Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean legearen zuzenketa partzialak eztabaidatzeko lantaldea, eta BERRIAk lortu du egutegia. Erreferentzia bat izango da, eta eskatu dute malgutasunez jokatzea.
|
Jarri dute data: Eusko Legebiltzarreko talde politikoek asmoa dute azaroaren 29an onartzeko EAEko Hezkuntza Legearen behin betiko testua Hezkuntza Batzordean. Gaur erabaki dute lege proiektuari jarritako zuzenketa partzialak eztabaidatzeko lantaldea osatzea, eta hartu dute lehen erabakia: Egutegi bat finkatu dute, eta BERRIAk egutegi hori lortu du. Dena dela, zehaztutako datak erreferentzia bat izango dira, eta alderdiek eskatu dute malgutasunez jokatzeko. Hauek hartuko dute parte lantaldean: Gorka Alvarezek (EAJ), Ikoitz Arresek (EH Bildu), Maria Jesus San Josek (PSE-EE), Miren Gorrotxategik (Elkarrekin Podemos-IU), Carmelo Barriok (PP) eta Jose Manuel Gilek (Ciudadanos).
Egutegia egunez egun aztertuta, ostiralean ekingo diote eztabaidari, xedapen orokorrei buruz hitz eginez. Hurrengo bilkurak urriaren 27an eta 30ean eta azaroaren 13an, 14an, 15ean, eta 20an izango dituzte. Behin horiek guztiak igarota, egun garrantzitsua izango da azaroaren 21a. Izan ere, orduan eztabaidatuko dituzte zioen azalpenak, eta atal horri EAJk eta PSE-EEk jarri zioten zuzenketa batek harrotu ditu hautsak; hain zuzen, hizkuntza ereduak aipatzen dituenak. Hizkuntzen beste atala, euskara ardatz duen eredu eleaniztunari buruzkoa, azaroaren 14an eztabaidatuko dute.
Behin puntu guztiak eztabaidatuta, lantaldeak azaroaren 22an onartuko du dokumentua. Hortaz, orduan egingo dute publiko EAEko Hezkuntza Legearen behin betiko testua. Handik astebetera igaroko da Hezkuntza Batzordetik.
Orduan, jada pauso bat baino ez da faltako: Eusko Legebiltzarreko osoko bilkura batean adostutako testu hori onartzea. Alabaina, aurrez babes nahikoa eskuratuz gero, ez litzateke arazorik egongo azken saio horretan ere onartzeko. Beraz, egutegian jasotako datak errespetatuz gero, aukera egongo litzateke urtea amaitzerako behin betiko EAEko Hezkuntza Legea onartzeko.
|
2023-10-25
|
https://www.berria.eus/albisteak/234380/urkulluk-esan-du-eaen-hizkuntza-ofizial-bi-daudela-jakiteko-obligazioa-dagoela.htm
|
Gizartea
|
Urkulluk esan du EAEn hizkuntza ofizial bi daudela jakiteko «obligazioa» dagoela
|
Astelehenean Bilbon enpresaburuen aurrean egindako agerraldi batean entzun behar izan zituen murmurio eta kexuen harira solastatu da.
|
Urkulluk esan du EAEn hizkuntza ofizial bi daudela jakiteko «obligazioa» dagoela. Astelehenean Bilbon enpresaburuen aurrean egindako agerraldi batean entzun behar izan zituen murmurio eta kexuen harira solastatu da.
|
Familia enpresen kongresu baten hasieran izan zen, Bilbon, herenegun, Euskalduna jauregian. Euskaraz eta gaztelaniaz mintzatu zen Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu, eta euskaraz jardun zuenean kexua erakutsi asmo zuten murmurioak eta eztulak egin zituzten han zeuden hainbat pertsonak. Desadostasuna azaldu zuen portaera harekiko Jaurlaritzako buruzagiak, eta gaur berriz izan du hizpide gaia: gogoratu du EAE Euskal Autonomia Erkidegoan hizkuntza ofizial bi daudela, eta estatuko gainerako herritarrek ere hori jakiteko «obligazioa» dutela. Era berean, euskal herritarrek hizkuntza bietan arta jasotzeko «eskubidea» dutela erantsi du.
Kazetariek egindako galderei erantzunez izan du hizpide gaur Urkulluk gaia, izan ere, oihartzun handia izan du jazoerak, eta erreakzio ugari eragin ditu. Urkulluk ez du zehaztu euskararen kontrako portaerak izan ziren kongresuko antolatzaileek barkamena eskatu dioten. «Gaiari buruz esan zitekeen dena esan da, ez dut deus gehiago esango».
Kongresuaren amaieran, atzo, Andres Sendagorta antolatzaileak adierazi zuen jarri zirela harremanetan Urkullurekin, eta euskararen gainean «pedagogia» egitea garrantzitsua dela esan ziotela: «Izan ere, altxor bat da, eta ez euskal herritarrena bakarrik, espainiar guztiena».
Hitzartzeetan hizkuntzen erabileran zer irizpide erabiltzen dituen ere zehaztu nahi izan du Urkulluk gaur egin dituen adierazpenetan. «Ez dut euskara erabiltzen gero gaztelaniaz esango ez ditudan gauzak esateko».
|
2023-10-25
|
https://www.berria.eus/albisteak/234381/guggenheim-urdaibai-proiektua-kostaldean-atzapar-pelagikorik-ez.htm
|
Iritzia
|
Guggenheim Urdaibai proiektua: kostaldean atzapar pelagikorik ez
|
Guggenheim Urdaibai proiektua: kostaldean atzapar pelagikorik ez.
|
2023-2027ko Agintaldi Plana izeneko dokumentuan, Bizkaiko Foru Aldundiak epe horretarako ezarritako lehentasunezko jarduerak jasotzen dira. Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak sarreran dioenez, «[Jarduketa] Horien bidez Bizkaiko herritarrekin dugun konpromisoari erantzuna eman nahi diegu, lan egin nahi dugu pertsona guztiok senti dezagun lurralde hau leku ona dela bizitzeko, lan egiteko eta gozatzeko».
Egitasmo horretan 120 jarduera jasotzen dira, sei ardatzetan banatuta. Laugarren ardatzak Berezko nortasuna duen Bizkaia izena du, eta balio hauekin lotu dute: 1.- Bizkaia gure kulturarekin; 2.-Bizkaia euskalduna; 3.- Balio solido propioak dituen Bizkaia.
Ardatz horretako 15. jarduerak honela dio: «Guggenheim Urdaibai proiektua garatzea, beste erakunde batzuekin lankidetzan». Eta jarduera hori honela dago deskribatuta: «Beste erakunde batzuekin batera, Guggenheim Urdaibai Museoa bultzatzea, Guggenheim Bilbao Museoaren egungo erakusketa-, kultura- eta hezkuntza-funtzionamendua hedatzeko, integrazio-eredu berritzaile baten bidez, ekoizpen artistikoa, ekologia, teknologia, konektibitate soziala eta ikerketa uztartuz. Hori guztia Biosfera Erreserbaren kontserbazio-printzipioa eta museo berriaren inguruko ingurumen-babesa errespetatuz. Museoak bereziki lagunduko die sortzaile gazteei [sic], eta Bizkaia munduko abangoardia kulturalean kokatu duen Guggenheim Bilbao marka indartzen lagunduko du. Lehenengo fasean, Museoa kokatuko den espazioei erabilera berriak emateko beharrezkoak diren hirigintza-izapideak egingo dira, ideien nazioarteko lehiaketa bat abiaraziko da eta lurzoruak deskontaminatuko dira».
Urdaibaiko Biosfera Erreserba Bizkaiko Busturialdean kokatuta dago, eta Guggenheim Urdaibai egitasmoa eskualdearen suspertze ekonomikorako ezinbestekotzat jo izan dute behin eta berriro EAJ alderdiko kideek, bai aurtengo bi hauteskunde-kanpainetan, bai gerora han eta hemen egin dituzten adierazpenetan. Gainera, ustez arrazoi horretan oinarrituta, egitasmoa «bai ala bai» gauzatuko dela esan dute, argi eta garbi esan ere. Alabaina, egitasmoaren deskribapenean ez da behin ere ageri eskualdearen egoera ekonomiko larriari buruzko aipamenik, eta ez da inon ere azaltzen nola lagundu ahal izango dion egitasmo horrek tokiko ekonomiari.
Une honetan, Guggenheim Fundazioak museoari eskainitako hiru eraikin ditu munduan: New Yorken, Venezian eta Bilbon. Gehiago ere izan ditu beste herrialde batzuetan, baina itxi egin dituzte, behar besteko etekin ekonomikorik ematen ez zutelako. Orain, biltegietan gordeta dituzten artelanei toki duin bat bilatzeko, beste bi egoitza eraiki nahi dituzte paraje ezin hobeagoan, hau da, Euskal Herriko bi biosfera-erreserbetako batean, EAEko bakarrean. Gainera, Guggenheim Fundazioaren behar hori bat dator Guggenheim Bilbao museoaren premiekin, zeren, hango zuzendari nagusi Bidartek esan bezala, «Urdaibaira zabaltzearena museoaren barne-beharrizan bat da, museoak etengabe egon behar baitu asmakizun-prozesuan, garrantzi internazionaleko kultura-erakunde bat izaten jarraitzeko».
Itzul gaitezen laugarren ardatzarekin lotu dituzten balioetara, eta ikus dezagun ea 15. jarduera honek haiekin zerikusirik duen. Lehenengo balioa «Bizkaia gure kulturarekin» izendatu dute, baina jada mende laurdeneko ibilbidea duen Bilboko museoak argi eta garbi erakutsi du ez duela Euskal Herriko kulturarekiko ezelango interesik. Bigarren balioa: «Bizkaia euskalduna»; bada, Busturialdean azken urteotan bultzatzen ari diren turismo-ereduak berarekin ekarri du bai seinaletikaren parte handi bat ingelesez jartzea, hizkuntza-paisaia erabat arroztuz, bai martxan jartzen duten proiektu oro ingelesez izendatzea, berez euskaldun guztiona den Basque izendapena Euskal Autonomia Erkidegoaren interes ekonomikoetarako lotsagabeki erabiliz. Hirugarren balioa: «Balio solido propioak dituen Bizkaia»; baina zer balio bultzatu edo sendotzea espero dute, kontuan hartuta egitasmoak aurrera egiteko ezinbestekoa dela kokalekuak berezkoa duen natura-balio aberatsetan aberatsena erabat eta betiko suntsitzea, hura babesten duten lege ugariak (EAEkoak, espainiar estatukoak, Europakoak eta mundu mailakoak) aldaraziz edo haien interpretazio erabat interesatua eginez?
Hori guztia nahikoa ez eta, egitasmoa Nazio Batuen Erakundearen 2030 Agenda ebazpenean ezarritako bost Garapen Jasangarrirako Helbururekin lotu dute: 8.- Lan duina eta hazkunde ekonomikoa (lanpostu prekario eta neurri handiz feminizatuak urtean hiru hilabetez); 9.- Industria, berrikuntza eta azpiegitura (atzerrian diseinatuko diren azpiegitura zapaltzaileez gain, eskualdea 130 milioi —eta etorriko direnak— inbertitu aurretik zegoen bezala geratuko da... tira, okerrago); 11.- Hiri eta komunitate jasangarriak (ene badatxue, ea nork azaltzen dien Busturialdeko 45.000 biztanleei urtero hiru hilabetez 140.000 bisitarirentzat lekua egin beharko dutela haien ohiko atsedenlekuetan, errepide eta aparkalekuetan, ur-deposituetan...); 13.- Klimaren aldeko ekintza (ondo hasi gara, kostaldearen babesa 100 metrotik 20 metrora jaisteko eskaera eginda eta «sasiak garbitzeko lan administratiboa egiten», Bidartek esan bezala); eta 18.- Hizkuntza eta Kultura Aniztasuna (no comment).
Etxanobe andrea: egitasmo honek aurrera egiten badu, eskualdean eta inguruetan lan egin nahi dugun pertsonok ez dugu ezelan bere sentituko lurralde hau leku ona denik bizitzeko, lan egiteko eta gozatzeko, ze konturatu orduko etxebizitzarik gabe, lan duinerako itxaropenik gabe eta aisialdirako espaziorik gabe geratuko gara. Guggenheim Urdaibai Stop!
|
|
2023-10-25
|
https://www.berria.eus/albisteak/234382/jaurlaritzak-sindikatuei-eskatu-die-jarrera-maximalistak-utzi-eta-negoziatzen-jarraitzeko.htm
|
Ekonomia
|
Jaurlaritzak sindikatuei eskatu die «jarrera maximalistak» utzi eta negoziatzen jarraitzeko
|
Behin-behineko datuen arabera, grebaren parte hartzea %12,03koa izan da Administrazio Orokorrean, %41,4koa Hezkuntzan, eta %5,9koa Osakidetzan.
|
Jaurlaritzak sindikatuei eskatu die «jarrera maximalistak» utzi eta negoziatzen jarraitzeko. Behin-behineko datuen arabera, grebaren parte hartzea %12,03koa izan da Administrazio Orokorrean, %41,4koa Hezkuntzan, eta %5,9koa Osakidetzan.
|
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sektore publikoan UGT ez beste sindikatuek antolatu duten grebaren behin-behineko balorazioa egin du Eusko Jaurlaritzak. Administrazio Orokorreko, Hezkuntzako, Osasuneko eta Segurtasuneko lanuztearen parte hartze datuak eman ditu Jon Agirre Lan Harremanen zuzendariak. Eguerdiko hamabi eta erdiak arteko datuekin osatu du argazkia gobernuak, eta, ohi bezala, ez dator bat sindikatuek emandakoarekin.
Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren arabera, grebaren jarraipena honakoa izan da lan eremu horietan: Administrazio Orokorrean %12,03ko parte hartzea izan du soilik, Hezkuntzan %41,4koa, Osasunean %5,9koa, eta Segurtasunean %3,42koa (Ertzaintza salbu).
Datuak ez dira behin betikoak, arratsaldeko taldeen eragina neurtzea faltako delako. Nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzak sindikatuei eskatu die «jarrera maximalistak» alde batzera uzteko, eta Mahai Orokorrean nahiz sektore bakoitzeko mahaietan negoziatzen jarraitzeko. Mahai horien deialdiak datozen hamabost egunetan egingo ditu Jaurlaritzak.
«Negoziazio foro guztiak irekita daude, eta Jaurlaritzak konpromiso osoa dauka langile publikoen lan baldintzekiko», esan du Agirrek. Eta gogorarazi du azken hamarkadan ehun itun baino gehiago egin dituztela Eusko Jaurlaritzak eta sindikatuek, sektore guztietan.
|
2023-10-25
|
https://www.berria.eus/albisteak/234383/erabateko-subiranotasuna-aldarrikatu-du-eh-bilduk-gernikako-estatutuaren-urtemugan.htm
|
Politika
|
«Erabateko subiranotasuna» aldarrikatu du EH Bilduk, Gernikako Estatutuaren urtemugan
|
«Euskal herritarren gehiengo handi batek bere eguneroko bizitzan eragiten dioten kontu guztiak erabaki nahi ditu hemen», adierazi du Maddalen Iriarte EH Bilduko kideak Santiagoko zubian, Pernando Barrenarekin batera egin duen agerraldian.
|
«Erabateko subiranotasuna» aldarrikatu du EH Bilduk, Gernikako Estatutuaren urtemugan. «Euskal herritarren gehiengo handi batek bere eguneroko bizitzan eragiten dioten kontu guztiak erabaki nahi ditu hemen», adierazi du Maddalen Iriarte EH Bilduko kideak Santiagoko zubian, Pernando Barrenarekin batera egin duen agerraldian.
|
Gernikako Estatutuaren 44. urtemugaren efemeridea baliatu du EH Bilduk adierazteko «ez duela burujabetza itzulgarririk nahi». Horretarako egin dute agerraldia Irungo Santiago zubiaren oinezko pasabidean Maddalen Iriartek eta Pernando Barrenak; bistarazteko, Hego Euskal Herria eta Ipar Euskal Herria lotzen dituen pasabidea itxita egon dela «euskal herritarrek hartu ez duten erabaki baten ondorioz». Irun eta Hendaia artean ibiltzen diren milaka pertsonari eragin die erabaki horrek egunero, eta «herri honetakoak ez diren pertsona eta erakunde batzuek hartu dute erabaki hori». Duela aste batzuk iragarri zuten irekiko zutela, baina, Iriarteren esanetan, «oso litekeena da ez betetzea, pasabideak itxita mantentzeko zeuden aitzakiak errepikatu egiten baitira».
Erabaki hori, egunerokotasunean euskal herritarrei eragiten dieten beste hainbeste bezala, Euskal Herrian hartzea defendatu du EH Bilduk: «Burujabetza itzulgarria dugula salatu nahi dugu, gaur duguna eta bihar ez duguna. Gaur mugak dira, eta bihar beste esparru batean izango da. Ez dugu subiranotasun itzulgarririk nahi, erabateko subiranotasuna nahi dugu. Izan ere, euskal herritarren gehiengo handi batek bere eguneroko bizitzan eragiten dioten kontu guztiak erabaki nahi ditu hemen».
Gogora ekarri du Euskal Herria bi estatutan eta hiru administraziotan banatutako nazioa dela: «Oraindik ere bere eskubideak aitortuak ez dituen eta subiranotasun itzulgarria duen nazioa da gurea». Eta nazio gisa aurkeztu eta eskubideak aldarrikatzeko azaroaren 18rako deia egin du, Bilboko manifestaziora: «Nazioa garelako».
Barrenak, aldiz, salatu du Santiagoko zubiak migrazio prozesuan dauden pertsonentzat duen eragina: «Irun-Hendaiako pasabideak ezin du funtzionatu Europar Batasunaren kanpo-muga bat bezala». Salatu du Frantziako Poliziak nola ukatzen dien pasabidea Hegoaldetik Ipar Euskal Herrira igaro nahi dutenei: «Jendarmeak migranteengana hurbiltzen dira beren larruaren kolore ilunaren arabera; beren kanporaketa ez da inongo protokolo edota berme legalaren menpe ematen, ez dago prozedura administratiborik, ez dago abokatu baten asistentzia, ez zaie asilo eskaera egiteko aukerarik ematen, eta honek guztiak berotan ematen diren bueltatze horiek guztiak erabat irregular bihurtzen ditu». Europako Batzordean egoera hori salatu badute ere, ez zaiela jaramonik egiten esan du. Adierazi du migratzea giza eskubidea dela eta «derrigorrezko harrera kuotak» ezartzeko unea dela esan du, «migranteei iristen uzteko beren gogoko helmugara asilo prozedura eskatzeko».
Eskea, ospakizunik gabe
Eusko Jaurlaritzak ez du agerraldi berezirik egin Estatutuaren urtemugaren harira. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak Espainiako Gobernuari eskatu dio Estatutua osorik betetzeko. Onda Vascan egindako elkarrizketan esan du hori dela egin litekeen «omenaldirik onena». Erkorekaren arabera, eskumen aldaketen prozesua denbora gehiago egon da geldirik lanean baino. «Rajoyren gobernuaren garaian ez zen hatzik mugitu, eta Pedro Sanchezek egin zuen lehen keinu bat eskumen batzuk esku aldatzeko, baina gero geratu egin zen denbora luzez». Bizitzeko gutxieneko diru sarreraren eskumena iragan zen duela urte eta erdi, «geroztik ez da transferentzien batzorde mixtoaren deialdi bat bera ere egon auzi honetan aurrera egin ahal izateko».
Alberto Nuñez Feijoo PPko buruarentzat ere izan zuen mezua, astelehenean Gernikan izan baitzen Estatutuaren urtemugaren harira hura goratzen eta adostasunerako gune gisa defendatzen. «Paradoxikoa da Nuñez Feijoo Gernikako Estatutuaren printzipioen adierazpen bat egitera etorri izana Gernikara, azken hilabete luzetan bai Kongresuan, bai Senatuan PPko ordezkariek ekinbideak aurkeztu dituztenean eskumen aldaketen aurka», esan zuen Erkorekak.
Ahal Dugu-k ere ez du aparteko ekitaldirik egin, baina adierazpen bat argitaratu du. Arlo publikoko langileek egin zuten greba deialdiari erreferentzia eginez lotu zuen autogobernuaren defentsa zerbitzu publikoen defentsarekin, eta uste du zerbitzu publiko horien defentsa langile publikoak egiten ari direla. «Kontraesana da Eusko Jaurlaritza eskumenen zaindari gisa agertzea eta ez gai izatea zaintzeko guztien ongizatea bermatzen duten tresna: zerbitzu publikoak». Egunerako ateratako oharrean azaldu du prest dagoela «autogobernu eredu demokratikoago batean sakontzeko».
|
2023-10-25
|
https://www.berria.eus/albisteak/234384/zerbitzu-publikoak-hemen-adosteko-exijitu-dute-sindikatuek.htm
|
Ekonomia
|
Zerbitzu publikoak «hemen adosteko» exijitu dute sindikatuek
|
Grebaren erantzuna «oso zabala» izan dela azpimarratu dute. Manifestazioetan 30.000 langilek baino gehiagok hartu dute parte.
|
Zerbitzu publikoak «hemen adosteko» exijitu dute sindikatuek. Grebaren erantzuna «oso zabala» izan dela azpimarratu dute. Manifestazioetan 30.000 langilek baino gehiagok hartu dute parte.
|
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sektore publikoan greba eguna izan dute asteazken honetan. Sindikatuen arabera, «oso zabala» izan da lanuzteari eman zaion erantzuna. «Pozik gaude erantzunarekin», nabarmendu du Igor Eizagirre ELAko zerbitzu publikoetako idazkari nagusiak, Bilboko manifestazioa hasi aurretik egindako adierazpenetan. Eizagirrek erakundeei leporatu die egoera aldatu nahi ez izatea: «Horren adibide argia da azken mahai orokorrean gertatutakoa: Madrilek erabakitzen duena aplikatzen jarraituko duela esan zuen Eusko Jaurlaritzak». Hori dela eta, esan du zerbitzu publikoen «enplegua eta soldatak hemen adostu» behar direla.
ELA, LAB, CCOO, Steilas, SATSE eta ESK sindikatuek eguerdian antolatu dituzte manifestazioak, eta 30.000 langilek baino gehiagok hartu dute parte: Donostian 10.000k, Gasteizen 6.000k, eta Bilbon 15.000 beharginek baino gehiagok. Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzan bildu dira manifestariak, eta Zerbitzu publikoak indartzeko, soldata eta enplegua hemen adostu! lelopean abiatu dute protesta. Kale Nagusian hainbat aldarri entzun ziren; besteak beste, «Zerbitzu publikoak indartu», «Hemen lan egin, hemen erabaki» eta «Borroka da bide bakarra» oihuen artean egin dute ibilbide osoa.
«Ez gara aldarri populistak egiten ari; errealitate bat da, eta hala erakutsi dute manifestazioek», esan du Eizagirrek. Eta aldaketa baten beharra nabarmendu du: «Erakundeei eskatu nahi diegu behingoz politika neoliberalak aldatzeko; zerbitzu publikoak hemen adostu behar ditugu, zerbitzu publiko unibertsalak, inpartzialak eta justuak gizartearentzat ezinbestekoak direlako».
Sektore publikoko hainbat arlotako langileek hartu dute parte Bizkaiko hiriburuko manifestazioan. Lanbide pribatizatzearen kontrako kartelak eraman dituzte behargin batzuek. Beste batzuek, berriz, hezkuntza publikoa «ez zapaltzeko» exijitu dute pankarta batekin. Osakidetzako Langileen Sareak ere protesta egin du, Osakidetzak erabiltzen dituen «iruzur hitzak» salatuz.
Manifestazioan, «Osakipresoak» zirela oihukatu dute. Osasun sistema publikoaren lehen arretak bere zutabea antolatu du. Moiua plazan, gainera, hainbat egun greban daramatzaten Correoseko garbitzaileek gainerako langileak itxaron dituzte; salatu dute bost hilabete daramatzatela kobratu gabe. Manifestazioko lagunen txaloak jaso dituzte emakumeek.
Udaletxean amaitu dute manifestazioa. Han, sindikatuetako ordezkariek langileak zoriondu dituzte. «Milaka langile publiko bildu gara; egunero ikusten dugu nolako higadura eragiten duen lan baldintzen gainbehera honek lan egiten dugun zerbitzu publikoetan: ikusi, eta pairatu». Gogoratu dute abenduaren 19rako ere greba deialdia egin dutela: «Gaurkoa bikoiztu behar dugu; gure eskaerei erantzungo dieten erabakiak hartzen ez badituzte, kalean izango gaituzte». Eta greba feminista orokorrerako deia ere egin dute: «Azaroaren 30ean hitzordu bat daukagu».
«Kontrako norabidean»
Igor Arroyo LAB sindikatuko koordinatzaile orokorrak Iñigo Urkullu lehendakariari leporatu dio «autobidean kontrako norabidean doan gidaria» dela. Eta Eizagirrerekin bat egin du: «Norabidez aldatu dezala esan nahi diogu; eser dadila eta negoziatu dezala hemen». Hezkuntza, gizarte segurantza eta osasungintza «indartzeaz» gain, «zaintza sistema publiko komunitarioa» ezarri behar dela esan du. «Euskal Herrian badago aberastasun nahikoa hori egiteko; arazoa da patronalari eta eliteei mesede egiten dien politika fiskal bat dugula; hori aldatu ezean, ez da modurik egongo behar besteko garapena izateko».
Era berean, Iñigo Garduño EAEko CCOOren arlo publikoaren koordinatzaileak esan du erakundeek «apustu gogorra» egin behar dutela, zerbitzu publikoetan «baliabide ekonomiko eta giza baliabide nahikoak» izateko: «Kalitatezko zerbitzu publikoak nahi ditugu».
|
2023-10-25
|
https://www.berria.eus/albisteak/234385/mendiz-josia-eta-berritasunez-zipriztindua-dator-tourra.htm
|
Kirola
|
Mendiz josia eta berritasunez zipriztindua dator Tourra
|
Parisen bukatuko ez den lehen Tourra jokatuko du datorren urtean gizonezkoen tropelak. Mendiko zazpi etapa, bi erlojupeko eta lurbide ugariko etapa bat izango dira tartean. Emakumezkoen lasterketa Alpe d’Huezen amaituko da
|
Mendiz josia eta berritasunez zipriztindua dator Tourra. Parisen bukatuko ez den lehen Tourra jokatuko du datorren urtean gizonezkoen tropelak. Mendiko zazpi etapa, bi erlojupeko eta lurbide ugariko etapa bat izango dira tartean. Emakumezkoen lasterketa Alpe d’Huezen amaituko da
|
Berezia izango da datorren urteko FrantziakoTourra. Salbuespen gisa, gizonezkoen lehia ez da Parisen bukatuko, Nizan baizik, uztailaren 21ean. Bost egun geroago hasiko dira Pariseko Joko Olinpikoak, eta horregatik, Tourreko azken etapa Frantziako hiriburutik kanpo jokatuko da, historian lehen aldiz. Halaber, aurrenekoz hasiko da lasterketa Italian. Tropela ekainaren 29an jarriko da martxan, eta Nizara bidean, bi aldiz igaroko da Alpeetatik, eta behin Pirinioetatik eta Erdialdeko Mendigunetik. Bi erlojupeko jokatuko dituzte: bata, lehen astean; eta bestea, azken egunean bertan.
Iazko irteera hartu ondoren, aurten ez da etaparik igaroko Euskal Herritik. Lehia Italian piztuko da: bi etapa gorabeheratsu eta saio leun bat jokatuko dira lehen hiru egunetan. Gero, ziklistak Alpeetan barneratuko dira: Sestriere, Montgenevre eta Galibier kateatuko dituzte 4. etapan. Faboritoek oso goiz izango dute sailkapen nagusiko lehen azterketa.
Maldan gora ez ezik, txirrindulariek erlojuaren aurka ere jardun beharko dute lehen astean. Izan ere, 25 kilometroko bakarkako saioa jokatuko da zazpigarren lasterketa egunean. Bi egun geroago, abilezia erakutsi beharko dute bizikleta gainean, asfaltorik gabeko hamalau tarte aurkituko baitituzte. Guztira 32 kilometro egingo dituzte lurbideetan.
Luzea izango da 11. etapa (211 kilometro), eta Erdialdeko Mendiguneko lau mendate igoko dituzte bukaeran. Nolanahi ere, Pirinioetako etapak izango dira bigarren asteko arreta gune nagusia. Pla d’Adeten bukatuko da bata, aurrez Tourmalet eta Hourquette d’Ancizan igo ondoren; eta bestean, Peyresourde, Mente, Portet d’Aspet eta Agnes kateatuko dituzte, Plateau de Beillen bukatu aurretik. Faboritoek, hortaz, indar betean jardun beharko dute azken atseden egunaren aurretik.
Galtza bete lan izango dute hirugarren astean, berriz ere Alpeetan sartuko baitira: 17. etapa Superdevoluy eski estazioan bukatuko da, eta Mediterraneora iritsi aurretik, 19. etapak Isola 2.000 mendatean izango du helmuga. Aurrez Vars eta Bonette igoko dituzte. Europako mendaterik garaiena da azken hori (2.808 metro), eta 2008an igo zen azkenekoz Tourrean.
Lasterketak oso bukaera gogorra izango du Nizan: azken-aurreko etapan Braus, Turini, Colmiane eta Couillolen igoko dituzte; eta amaitzeko, 34 kilometroko erlojupeko gogorra jokatuko dute. Bi mendate topatuko dituzte bidean, Turbie eta Eze. Sailkapenean gauzak oraindik estu badaude, amaiera zinez zirraragarria izan daiteke.
Bi etapa egun bakarrean
Emakumeak, berriz, Olinpiar Jokoen ostean ariko dira lehian, abuztuaren 12tik 18ra bitarte. ASO enpresak antolaturiko hirugarren Tourra izango da, eta lehen lau etapak Herbehereetan jokatuko dira. Berritasun bezala, abuztuaren 13an lan saio bikoitza izango dute: goizean 67 kilometro egingo dituzte, eta arratsaldean, berriz, erlojuaren kontra ariko dira, 6,3 kilometroko ibilbidean.
Laugarren etapak klasiko usaina izango du, Amstel Gold Race eta Lieja-Bastogne-Lieja lasterketetan ohikoak diren errepideetan lehiatuko baita. Bihurriak izango dira hurrengo bi etapak ere: bost muino gaindituko beharko dituzte 5. etapan, eta biharamunean, beste bost igoera izango dituzte bidean. Bezperakoak baino luzeagoak izango dira.
Mendaterik gogorrenak, dena den, azken bi egunetan igoko dituzte: 7. etapa Le Grand Bornanden bukatuko da, aurrez lau igoera lotu ondotik, eta azken saioak Alpe d’Huezen izango du helmuga. Aurrez Glandon igota iritsiko dira bertara. Mendate mitikoan bukaera epikoa ikus liteke.
|
2023-10-25
|
https://www.berria.eus/albisteak/234386/seaskak-manifestazio-nazionala-eginen-du-azaroaren-18an-beskoitzeko-ikastolaren-alde.htm
|
Gizartea
|
Seaskak manifestazio nazionala eginen du azaroaren 18an, Beskoitzeko ikastolaren alde
|
Salatu dute herriko etxeak uko egin diela ikastolarentzat eraikin berria egiteko elkarrizketa orori, eta baldintza «arbitrarioak» ezartzen dizkietela. Euskal Herriko euskaltzale guziei dei egin diete mobilizatzeko.
|
Seaskak manifestazio nazionala eginen du azaroaren 18an, Beskoitzeko ikastolaren alde. Salatu dute herriko etxeak uko egin diela ikastolarentzat eraikin berria egiteko elkarrizketa orori, eta baldintza «arbitrarioak» ezartzen dizkietela. Euskal Herriko euskaltzale guziei dei egin diete mobilizatzeko.
|
70eko hamarkadako gorabeherak oroitarazi dizkio Seaskari Beskoitzeko (Lapurdi) Herriko Etxearekin duen auziak. «Herriko etxeak hartzen duen jarrera euskararen kontrako jarrera da, eta nahitara hartzen dute», salatu du Peio Jorajuria Ipar Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko lehendakariak. «Ikastola mugatu nahian, nahi dute euskara mugatu beren herrian». Manifestazio nazionala eginen dute azaroaren 18an, 11:00etan, Beskoitzen, eta euskaltzaleak parte hartzera deitu dituzte. Halaber, Euskal Herriko ikastola guzietako familiei dei egin die Nekane Artola Ikastolen Elkarteko lehendakariak: «Euskal Herriko ikastolen babesak indarra emango dio egoeraren desblokeatzeari».
Beskoitzeko ikastola 2013an sortu zen, prefetaren debeku mehatxuen pean; orduan, lau ikasle zituen. Urteen poderioz, garatuz joan da, eta 51 ikasle ditu orain. Eraikin prefabrikatuetan egiten dituzte ama eskolatik azken urterainoko eskolak, herriko etxeari alokatu eremu batean. Azken urteetan gorabehera bat baino gehiago izan dituzte, Fabienne Aiensa auzapezaren taldeak ikasle kopurua mugatu nahi duelako. Hala, urtarrilean, hiru urteko haur bati ukatu egin zioten bere ikaskideekin jatea eskola guztiek erabiltzen duten herriko jantegian.
Baina ikastola egonkortzeko Seaskak egin asmo duen eraikinarekin sortu da gatazkarik handiena. Gurasoek iazko uztailean salatu zuten auzapezak ukatu egin zituela eremua egokitzeko egin zituzten lau proposamenak. Geroztik, ikastola berria eraikitzeko baimena galdegin du Seaskak, baina baldintza teknikoak argudiatzen dituzte etengabe ezezkoa emateko; baldintza «arbitrarioak», Jorajuriaren hitzetan. Esplikatu du eraikuntza ez luketela beharrezkoa, herrian hainbat gela publiko baitira ikastola eraikitzeko balia litzaketenak.
Eskolentzako jantegian badira 150 toki, baina ikastolaren txanda 50era mugatua du herriko etxeak; «horregatik, gure eraikuntzan jantegi bat aurreikusi dugu, gure haurrek hemen jan dezaten». Gaur egun, kanpoko tokia auzo bati alokatzen diote, baina herriko etxeak ez du nahi eraikuntza berria egin eta baliatzen segi dezaten; etorkizunean, beharbada, posible baita hari lotua den lursaila eskola publikoa handitzeko erabiltzea. «Eta gehitu dute aparkalekua: ezingo dugu gehiago baliatu aparkaleku publikoa. Behar dugu guri arbitrarioki finkatua zaigun lur zati txiki horretan ezarri aparkalekua, jantegia, kanpoko tokia eta ikasgelak. Ezinezkoa da».
Euskararen geroa
Seaskak egindako elkarrizketa saiakera oro ukatu du orain arte herriko etxeak: hitzordu eskaera publikoki egin zioten urriaren 20ko prentsaurrekoan, eta herriko hautetsi guziei mezu elektroniko bana igorri diete, hitzordu baten proposamena egiteko Beskoitzeko ikastolaren geroari buruz «eztabaida osasuntsu bat» abiatzeko. Joan den astean, Pirinio Atlantikoetako prefetak Beskoitzera egin zuen bisita baliatu zuen hari bitartekaritza eskatzeko; oraindik ez dute berririk. Sud Ouest egunkariari bakarrik egin dizkiete adierazpenak hautetsiek: errua Seaskari egotzi diote, eta adierazi dute ez dutela aldatuko jarrera.
Jorajuriaren hitzetan, euskararen geroa da jokoan Beskoitzeko ikastolaren auzian. «Ipar Euskal Herriko hizkuntza politika jokoan da: herriko etxe bati onartzen badiogu finka ditzan baldintzak, finka ditzan mugak euskararen garapenean, gure hizkuntzak amore emanen du», adierazi du. «Haurrak hor dira, haurrek euskara ikasi nahi dute, gurasoen hautuak errespetatu behar dituzte; eta horretarako behar ditugu irtenbideak atzeman. Irtenbideak baditugu, proposatu ditugu, ez dute euro bat ere kostatzen herriko etxearentzat, baina ezartzen dizkiguten baldintza arbitrario horiek guziak kendu behar dituzte».
|
2023-10-25
|
https://www.berria.eus/albisteak/234387/erreferendumik-egin-gabe-onartutzat-eman-da-vweko-akordioa.htm
|
Ekonomia
|
Erreferendumik egin gabe, onartutzat eman da VWeko akordioa
|
UGTk eta CCOOk adierazi dute galdeketaren emaitza onartzera behartuta zegoela langileen batzorde osoa, eta ELA, LAB eta CGT aurka azaldu dira: «Ez dugu akordio hori sinatuko, ados ez gauden puntu asko baitauzka eta beste gai askori buruz ez baita hitz egiten»
|
Erreferendumik egin gabe, onartutzat eman da VWeko akordioa. UGTk eta CCOOk adierazi dute galdeketaren emaitza onartzera behartuta zegoela langileen batzorde osoa, eta ELA, LAB eta CGT aurka azaldu dira: «Ez dugu akordio hori sinatuko, ados ez gauden puntu asko baitauzka eta beste gai askori buruz ez baita hitz egiten»
|
Ostiralean sinatuko dute Nafarroako Volkswagenen X. hitzarmena enpresak, UGTk eta CCOOk. Ustez, aste honetarako langileen artean zuzendaritzak eta batzordeak hitzartutako akordioari buruzko erreferendum bat zen deitzekoa, baina azkenean ez da egingo.
Gaur bildu da langile batzordea gai hori aztertzeko. Aurreko astean adierazi bezala, UGTk eta CCOOk proposatu dute langileen artean kontsultatzea aurreakordioari buruz, eta horren emaitza sinatzera behartu nahi zituzten batzordeko beste hiru sindikatuak. Alta, ELAk, LABek eta CGTk berretsi dute ez dutela proposamen hori onartuko, eta, aho batez onartu behar zenez, ez da aurrera atera. Ondorioz, aurreko astean hitzartutako aurreakordioa onartutzat ematen da. Berez hala egin izan da historikoki.
Ikusi gehiago: VWeko aurreakordioa azaltzeko batzarrera deitu dute UGTk eta CCOOk
ELAk, LABek eta CGTk ohar bateratua atera dute: «Proposamena egin dute jakinik beste sindikatuok ez genuela onartuko». Sindikatuok ez dute nahi inork akordio hori sinatzera behartzea: «Ados ez gauden puntu asko dauzka, eta beste gai askori buruz ez da hitz egiten», arrazoitu dute. Haien ustez, langile batzordean gehiengoa duten bi sindikatuen proposamena «aitzakia besterik ez da enpresarekin lortutako akordioa erreferendumera ez eramateko».
CCOOk ohar bat kaleratu du defendatzeko ostiralean akordioa izenpetuko dutela «lantokiaren etorkizuna lehenesten eta bermatzen duelako». Nahiz eta VWek iragarri urte eta erdiz laurehun lanpostu «sobran» egongo direla, aurreakordioak ez du zehazten oraingoz nola utziko duten langileek enpresa. Dena den, CCOOko Carlos Zalduendoren arabera, VWek bermatu du 2026tik aurrera enplegua berreskuratuko dela. Baimenen inguruko legediaren ondorioz, kontratu mugagabeak egingo direla nabarmendu du. Azkenik, soldata KPIa adina igoko da hiru urtez, eta 900 euroko sariak pagatuko zaizkie langileei lan itunak iraungo duen hiru urteetan (2024-2026).
Larunbatean, CCOOk eta UGTk batzar bat egin zuten aurreakordioaren berri emateko langileei, baina oso gutxi joan ziren. Batzar hori modu bat izan zitekeen ikusteko nola hartzen zen erreferendumaren aukera enpresa barruan. Azkenean, gaurko bileran aztertu da gaia.
|
2023-10-25
|
https://www.berria.eus/albisteak/234388/esa-handitzeko-lanak-geldirik-daudela-salatu-dute-rio-aragon-eta-esaez-elkarteek.htm
|
Gizartea
|
Esa handitzeko lanak geldirik daudela salatu dute Rio Aragon eta Esa+Ez elkarteek
|
Urtegiaren aurkako taldeek jakinarazi dute Ebroko Ur Konfederazioak bi behargin dituela obretan uneotan: administrari bat eta segurtasuneko arduradun bat.
|
Esa handitzeko lanak geldirik daudela salatu dute Rio Aragon eta Esa+Ez elkarteek. Urtegiaren aurkako taldeek jakinarazi dute Ebroko Ur Konfederazioak bi behargin dituela obretan uneotan: administrari bat eta segurtasuneko arduradun bat.
|
Ur gelditan. Esako urtegia handitzeko lanak «erabat etenda» daude gaur egun, Rio Aragon eta Esa + Ez elkarteen arabera. Azpiegitura horren aurkako taldeek ohar bidez salatu dute Ebroko Ur Konfederazioak, gaur-gaurkoz, bi behargin baino ez dituela hor lanean: administrari bat eta segurtasun arduraduna. Taldeon arabera, gutxieneko langile kopuru horri eutsi dio konfederazioak, «lanak abandonatutzat jo eta kontratua eten ez diezaioten». Ebroko Ur Konfederazioarengana jo du BERRIAk argibide eta konfirmazio eske, baina ez du erantzunik jaso.
Lanak geldirik daudela ikusita, Rio Aragon eta Esa+Ez elkarteek proiektuaren sustatzaileei exijitu diete «aitor dezatela Esa handitzeko lanak ez direla ez bideragarriak ez arrazoizkoak», eta hortaz, «bertan behera» utz dezatela enpresa eraikitzaileekin sinatutako kontratua: «Proiektu osoa birplanteatu beharko litzateke, egungo presa sendotu eta ur maila segurtasun parametroetara itzularazi, orain arteko jardunbide negargarriak eragindako okerrak zuzentzeko».
Bi taldeek gogorarazi dute 22 urte igaro direla handitze lanen lehen harria jarri zenetik. «Ordutik, aurrekontua lau bider handitu da, orain arte gastatutako 400 milioi euroraino, eta suntsipena eraman dute Artieda, Zigoze edo Mianos bezalako herrietara». Horregatik uste dute, hainbeste urtere ostean, lanen etenaldiak arrazoia eman diela talde ekologistei: «Ebroko Ur Konfederazioak berak aitortu du zailtasun handiak dituztela proiektuaren 4. moldaketa bat onartzeko, eta ziur gaude adabaki horrek ere ez liekeela erantzunik emanen handitze lanek aspalditik dituzten egiturazko arazoei».
|
2023-10-25
|
https://www.berria.eus/albisteak/234389/gernika-palestina-ekinaldiak-mobilizatzen-jarraitzeko-deia-egin-du.htm
|
Politika
|
Gernika-Palestina ekinaldiak «mobilizatzen jarraitzeko deia» egin du
|
Joan den larunbateko manifestazioa «arrakastatzat» jo dute, eta iragarri dute «urgentziazko kontsulta» egiten ari direla, aurrerantzean zer egin erabakitzeko.
|
Gernika-Palestina ekinaldiak «mobilizatzen jarraitzeko deia» egin du. Joan den larunbateko manifestazioa «arrakastatzat» jo dute, eta iragarri dute «urgentziazko kontsulta» egiten ari direla, aurrerantzean zer egin erabakitzeko.
|
Aitortu dutenez, «berriz elkartu beharrik ez izateko asmoz» sortu zuten zenbait eragilek Gernika-Palestina herri deialdia, eta haren egiteko nagusia zen Palestinari elkartasuna adierazteko joan den larunbatean Donostian egindako nazio manifestazioa. Baina ikusirik Gazan eta Palestina osoan «indarkeria etengabe goraka» ari dela, plataforma «urgentziazko kontsulta» egiten ari da agiria sinatu zuten norbanakoekin eta manifestazioari atxikimendua adierazi zioten sindikatu eta gizarte zibileko erakundeekin, aurrerantzean zer egin erabakitzeko. Edonola ere, eta hori argitu bitartean, «mobilizatzen jarraitzeko» deia egin dute: «Palestinari elkartasuna adierazteko mobilizazio guztiak beharrezkoak dira».
Ikusi gehiago: Manifestazio nazionalera deitu dute Bilbon, Palestinari elkartasuna adierazteko
Gernika-Palestina ekinaldiak «arrakastatzat» jo du joan den larunbateko manifestazioa, eta kalkulatzen du 30.000 lagun inguruk bete zituztela Donostiako kaleak. Horregatik, eragileen eta herritarren jarrera eskertu du: «Gai lazgarri honen inguruan dauden eztabaida zilegizkoen jakitun gaude, baina azpimarratu nahi dugu askotariko sinatzaileek eta parte hartzaileek oso ikuskera zabalez jokatu dutela, eta erantzun ahalik eta bateratuena eta transbertsalena ematearen garrantzia balioetsi dutela». Haren ustez, mobilizazioa sustatu dutenek jakin dute «bereizten dituenaren gainetik batzen dituena lehenesten», eta eskerrak eman dizkie horregatik.
Ikusi gehiago: Elkartasun oldeak gainezka egin du Donostian
Baina ikusita nazioarteko komunitatean ez dagoela «su eten baterako inolako ekinaldirik» eta herritarrek «genozidioa» pairatzen jarraitzen dutela, herri deialdiak gogoetari ekin dio aurrerantzean zer egin erabakitzeko: «Laster galdera horri erantzun kolektiboa eman ahal izatea espero dugu».
|
2023-10-26
|
https://www.berria.eus/albisteak/234390/auto-kutsagarrien-zirkulazioa-mugatuko-du-udalak-bilbo-erdialdean.htm
|
Gizartea
|
Auto kutsagarrien zirkulazioa mugatuko du udalak Bilbo erdialdean
|
Airearen kalitatea hobetzea eta mugikortasun iraunkorra sustatzea da asmoa. Neurriak lanegunetan ezarriko dira soilik.
|
Auto kutsagarrien zirkulazioa mugatuko du udalak Bilbo erdialdean. Airearen kalitatea hobetzea eta mugikortasun iraunkorra sustatzea da asmoa. Neurriak lanegunetan ezarriko dira soilik.
|
Bilboko Udaleko Gobernu Batzordeak onartu du etorkizuneko emisio txikiko eremua arautuko duen ordenantza proiektua. Ibilgailu «kutsatzaileek eta oso kutsatzaileek mugatuta» izango dute emisio txikiko eremuan sartzea, zirkulatzea eta aparkatzea. Zehazki, 0, ECO o C bereizgarriak ez dituzten autoak ezingo dira sartu, hau da, 2006ko urtarrila baino lehen matrikulatutako gasolinazkoak, eta 2015eko iraila baino lehenagoko dieselak. Orain hirian dabiltzan autoen erdiei eragingo die.
Bilboko emisio txikiko eremua hiriaren erdialdea izango da. Espazio hori Sabino Arana kaleak, Autonomia kaleak eta itsasadarrak mugatuko dute. Proiektuan adostutakoak lanegunetan soilik izango du eragina, 07:00etatik 20:00etara. Hori bai, sarbide eta zirkulazio murrizketak pixkanaka aktibatuko dira ordenantza indarrean sartzen denetik 2029. urtearen amaierara arte. Salbuespena izango dira, besteak beste, egoiliarren ibilgailuak.
Bilboko airearen kalitatea eta osasun publikoa hobetzea du helburu proiektuak, Nora Abete Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun zinegotziaren esanetan, legezko betebeharrarekin konplitzearekin batera. Europar Batasunak osasun publikoa hobetzeko eskatzen dituen gidalerroak betetzeko hasierako pausoa da, baita Espainiako Gorteek 2021ean klima aldaketaren alorrean onartutako legea betetzeko ere. Arau horien arabera, 50.000 biztanletik gorako hiri guztiek hartu beharko dituzte neurriak «mugikortasunaren ondoriozko emisioak» murrizteko, eta beraz, emisio gutxiko eremuak ezarri beharko dituzte.
Ibilgailuen zirkulazioa da kutsadura iturri nagusia Bilbon, eta airearen kalitateari eta biztanleen ongizate akustikoari eragiten die. Udalaren esanetan, ordenantzaren diseinua hiriaren ezaugarriak kontuan hartu dituen azterlan baten emaitza da.
|
2023-10-25
|
https://www.berria.eus/albisteak/234391/elikadura-ekoizpena-etxaldetik-ikasgelara.htm
|
Gizartea
|
Elikadura ekoizpena: etxaldetik ikasgelara
|
Lurretik Ikasiz egitasmoa aurkeztu dute Baztan-Bidasoako zazpi eragilek. Helburua elikaduraren auzia ikastetxeetan lantzea da, «ekoizleei aurpegia jarriz». Material didaktikoa prestatu dute, eta Euskal Herriko gainerako lekuetako ekoizle eta eskolek erabili dezake, eredu moduan.
|
Elikadura ekoizpena: etxaldetik ikasgelara. Lurretik Ikasiz egitasmoa aurkeztu dute Baztan-Bidasoako zazpi eragilek. Helburua elikaduraren auzia ikastetxeetan lantzea da, «ekoizleei aurpegia jarriz». Material didaktikoa prestatu dute, eta Euskal Herriko gainerako lekuetako ekoizle eta eskolek erabili dezake, eredu moduan.
|
Zer dira artisau erara egindako elikagaiak? Zein alde dago nekazaritza industrialaren eta iraunkorraren artean? Zertan desberdintzen dira abeltzaintza intentsiboa eta estentsiboa? Zertaz da garrantzitsua bertako produktuak kontsumitzea? Elikadura ekoizpenari buruzko galdera horiek erantzutea ez da zaila Euskal Herriko laborariendako; bai, ordea, arlo horretan lan egiten ez duten anitzendako. Egoera aldatzeko gogoz dira Lurretik Ikasiz proiektuaren bultzatzaileak, elikadura ekoizpenaren auzia ikasgeletara eraman nahi baitute: «Lehendik sentitzen genuen behar eta eskariari erantzun bat eman nahi diogu, eta elikaduraren gaia hurbiletik landu nahi dugu ikasleekin».
Gaur egin dute proiektuaren aurkezpena, Elizondon (Baztan, Nafarroa). Azaldu dutenez, egitasmoaren bidez «etxaldeetako lan egiteko moduak» erakutsiko dizkiete ikastetxeetako haur eta gazteei, «ekoizleei aurpegia jarriz». Zehazki, zazpi dira −momentuz, behintzat− proiektuaren atzean dauden ekoizleak, Zugarramurditik hasi eta Beraraino (Nafarroa) doazenak: Agorleku gaztandegia, Lesakan; Autxitxia gasnategia, Elizondon; Baztango Xurie mahastiak eta upategiak, Arizkunen; Erlanki erlezaina, Beran; Jauregia Esnekiak, Anizen; Maira okindegia, Etxalarren; eta Martinea baratzea Zugarramurdin.
Ekoizleez gain hainbat eragilek lagundu dute proiektua osatzen: Xomorro Agroekologia eta Hezkuntza, Arrea Agroekologia, Baztango Zaporeak taldea, Bortziriak-Malerreka-Bertizarana Elikadura, Baztango Udala eta Nafarroako Gobernua.
Proiektuak azarotik datorren urteko ekainera arte iraunen du. Denbora tarte horretan Baztan-Bidasoa eremuko ikasleek −Lehen Hezkuntzako bigarren ziklotik, DBHko lehenbiziko mailara bitartekoek− elikadura ekoizpenaren gaia sakonago lantzen ahalko dute, tartean etxalde horietara bisita eginez.
Aitor Azkarate Tomassonek Jauregia Esnekiak etxaldean egiten du lan, eta egitasmoaren lau ardatz nagusiak azaldu ditu: eskolak etxaldeetara hurbiltzea, elikadurari garrantzia ematea, elikadura ereduaz gogoetatzea eta laborantzan emakumeek duten rolaz mintzatzea. «Lurretik eta gure etxaldeetatik gero eta gehiago urruntzen ari gara. Hortaz, gure oinarrira itzultzeko beharra ikusten dugu», adierazi du. Hala, uste du ez dela hausnartzen janariaren gibelean dagoenaz, eta lan hori guztia ez dela baloratzen. «Zerbait estimatzeko ezagutu egin behar da, hortaz, jaten ematen diguten ekoizleei aurpegia jarri behar zaie».
Bi pauso
Gibelean dagoen lana ikusarazteko saioak dira, beraz, etxaldeetan egin ohi diren bisitak. Maialen Chantre Irazoki Martinea baratzean aritzen da lanean, eta gisako bisitak «denborapasa» hutsak ez direla gogoratu du: «Eskolatik kanpo egiten diren ikasteko espazioak dira. Saio praktikoak antolatu ditugu, ikasleek bueltan zerbait eraman dezaten». Proiektua ikastetxeei helarazteko bi zati daudela azaldu du Chantrek: ekoizleen gida eta ikasmateriala. Batetik, etxalde bakoitzaren xehetasunak bildu dituzte, beren ezaugarri eta historiaren berri emanez. Bisita guztiek bi orduko iraupena izanen dute, eta batzuetan tailerrak egiteko aukera ere egonen da.
Bertzetik, bisita baino lehen eta ondoren ikasgeletan lantzeko ikasmateriala bildu dute gida batean. «Bisitara etorri aurretik eskolan gaia lantzea nahi dugu. Nekazaritza eta abeltzaintza iraunkorraren berri izan dezatela», azaldu du Chantrek. Maila bakoitzarentzat sei saio prestatu dituzte, 50 minutu ingurukoa bakoitza: bost, bisita baino lehen egiteko, eta bat, bisita egin eta gero. «Ikasleei zuzendutako jarduera proposamenez gain, irakasleendako gaiaren inguruko azalpenak ere jaso dira bertan».
Gida hori, baina, ez da Baztan-Bidasoako ekoizleek egiten duten lanaz mintzatzen; elikadura ekoizpenaren gaia lantzea du helburu. Beraz, Lurretik Ikasi egitasmoa elikadura ekoizpenaren gaia Euskal Herri osora proiektatzeko abagunea da. Euskal Herriko bertze txokoetako ekoizle nahiz ikastetxeek gida erabili dezaketelako beren proiektu propioak garatzeko. Eskolako liburuetara iritsi ez den jakintza anitz baitago Euskal Herriko etxaldeetan.
|
2023-10-26
|
https://www.berria.eus/albisteak/234392/eragin-handiena-hezkuntzan-eta-garraioan-eta-txikiagoa-osasungintzan.htm
|
Ekonomia
|
Eragin handiena hezkuntzan eta garraioan, eta txikiagoa osasungintzan
|
Deitzaileek ontzat jo dute greba. Eusko Jaurlaritzak sindikatuei eskatu die «jarrera maximalistak» utzi eta negoziatzen jarraitzeko.
|
Eragin handiena hezkuntzan eta garraioan, eta txikiagoa osasungintzan. Deitzaileek ontzat jo dute greba. Eusko Jaurlaritzak sindikatuei eskatu die «jarrera maximalistak» utzi eta negoziatzen jarraitzeko.
|
«Haserreari» termometroa jartzea: helburu hori ere bazuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sektore publikoan asteazken honetan eginiko grebak, eta sindikatuen susmoa bete egin da. Milaka langilek bat egin dute deialdiarekin eta agertu dute ezinegona. Deitzaileek azpimarratu dute mobilizazioaren «arrakasta» erakundeentzat eta alderdi politikoentzat «ohartarazpen» bat dela politika publikoak alda ditzatela eskatzeko, zerbitzu publikoak defenda ditzatela exijitzeko eta «galdutakoa berreskuratzeko».
Ikusi gehiago: Zerbitzu publikoak «hemen adosteko» exijitu dute sindikatuek
Deitutako bi greba egunetan lehenengoa izan da atzokoa. Hurrengoa abenduaren 19an izango da. Langile publiko guztiak zeuden deituta: Eusko Jaurlaritzakoak, aldundietakoak, udaletakoak eta Espainiako Estatukoak, 152.000 guztira, eta haietatik milaka batzuek babestu dute ELA, LAB, CCOO, Steilas, SATSE eta ESKren mobilizazioa. Erantzunari dagokionez, halakoetan ohi denez, sindikatuek emandako kopuruek eta Jaurlaritzarenek ez dute bat egin. Sindikatuen arabera, «oso zabala» izan da, eta Jaurlaritzaren arabera, «apala».
Eskaera zerrenda zehatz batekin irten dira kalera sindikatuak. Nagusiki, sektore publikoaren langileen soldatak eta lan baldintzak «hemen» adostu ahal izatea eskatu dute. Gogorarazi dutenez, Espainiako Gobernuaren erabakiz, 2009ko krisitik Madrilek zehazten ditu soldata igoerak, eta, hori dela eta, azken hamarkadan langile publikoek erosteko ahalmenaren %20 galdu dute. Erabakitzeko ahalmen hori berreskuratzea eta soldatak %10 igotzea galdegin dute. Horrekin batera, sektore publikoko lanpostuetan dagoen behin-behinekotasun tasa egungo %49tik % 8ra jaistea eskatu dute; eta zerbitzu publikoak pribatizatzeko joera amaitzeko eta sektorea euskalduntzeko, besteak beste.
Informazio gehiago. Langile publikoen testigantzak.
Sindikatuei erantzunez, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak beste behin argudiatu du erakundeen baliabideak mugatuak direla eta ez dagoela Jaurlaritzaren esku eskaera guztiak betetzea. «Lan arloko hobekuntza oro da desiragarria, baina errealitate ekonomikoaz eta administrazio bakoitzaren eskumenez jabetu behar dugu». Horrez gain, berriro sakondu du funtzionarioek gainerako langileek baino baldintza hobeak dituztela dioen ideian.
Horri heldu dio Josu Erkoreka lehendakariordeak ere, eta «paradoxa» bat azpimarratu du: «Herritar gero eta gehiagok funtzionario izan nahi du, baina hori lortu bezain laster, ez dago gustura». Jon Agirre Lan Harremanen zuzendariak, berriz, sindikatuei eskatu die «jarrera maximalistak» alde batera uzteko eta Mahai Orokorrean eta sektoretako mahaietan negoziatzeko beren eskaerak.
Erantzuna eta protestak
Atzoko grebak, langile publiko gehien biltzen duten sektoreen artean, hezkuntzan izan du babesik handiena: sindikatuek diotenez, %75etik gorakoa izan da lehen eta bigarren hezkuntzan, eta EHUko hiru campusetan jarduera «oso urria» izan da; Jaurlaritzaren arabera, oro har sektoreko langileen %40,6k bat egin dute. Arlo horretan herenegun ere egin zuten greba, kasu horretan ELA, CCOO eta Steilasek deituta, eta sindikatuek %55eko parte hartzea zenbatu zuten, eta Jaurlaritzak, %21 ingurukoa.
Gainerako sektoreetan, apalagoa izan da erantzuna: Jaurlaritzaren arabera, administrazio orokorrean %12,07koa izan da, osasungintzan %5,7koa, eta segurtasunean %3,42koa. Sindikatuek ez dute kopuru zehatzik eman hezkuntza ez beste sektoreei buruz, baina Osakidetzaren kasuan azpimarratu dute gobernuak ezarritako gutxieneko zerbitzuek «erabat baldintzatu» dutela langileen hautua. Dena den, nabarmendu dute lehen arretan babes zabalagoa izan zuela ospitaletan baino.
Udaletan eta foru aldundietan, berriz, grebaren erantzuna «oso zabala» izan dela azaldu dute, bereziki hiriburuetan, eta udal batzuetan. Gipuzkoan, honako hauetan: Arrasate, Zarautz, Tolosa, Hernani, Oñati, Legazpi, Ordizia, Anoeta, Azpeitia, Getaria, Bergara eta Pasaia. Bizkaian, hauetan: Barakaldo, Bermeo, Ortuella, Trapaga, Markina, Lekeitio, Gernika, Basauri eta Igorre. Eta Araban, Agurainen, Laudion eta Amurrion.
Komunikabide eta garraio publikoetan ere babes handia izan du grebak, «ia erabatekoa», sindikatuen arabera. EITBn, Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuetan baino ez dute lanik egin, informatiboetan soilik. Berdin garraio «ez-pribatizatuan». Bilboko Metroak, halere, azaldu dute maiztasunak gutxieneko zerbitzuak halako bi izan direla —%60—.
Informazio gehiago. Udazken beroa sektore publikoan
Administrazio orokorrean eta justizian, berriz, sindikatuek azaldu dute erantzuna «zabala» izan dela, «baina aldakorra herrialdeen eta esparruen arabera». «Apalagoa» izan da Espainiako administrazioko langileen artean.
Horrez gain, arazo batzuk egon dira hiriburuetako sarrera-irteeretan, bereziki goizean goiz. Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, piketeek trafikoa eten dute Bilbon, baina ez da «aparteko istilurik» izan. Gasteizen, grebalari talde batek manifestazioa egin du Jaurlaritzaren Lakuako egoitza nagusiaren aurrean, eta horrek eragina izan du hiriko autobus geltoki nagusiaren funtzionamenduan. Beste talde batek manifestazioa egin du Forondako Atetik, eta horrek trafiko etenak eragin ditu hiriko sarrera-irteeretan. Gipuzkoan, garraio publikoko zerbitzuen murrizketaren ondorioz, pertsona askok autoa hartu dute Donostiara joateko, eta horrek «kolapsoa» eragin du hiriko sarbide nagusian, Loiolako Erriberetan.
|
2023-10-25
|
https://www.berria.eus/albisteak/234393/mike-johnson-izendatu-dute-aebetako-ordezkarien-ganberako-presidente.htm
|
Mundua
|
Mike Johnson izendatu dute AEBetako Ordezkarien Ganberako presidente
|
Louisianako errepublikano ultrakontserbadoreak 220 boto lortu ditu, izendatua izateko behar zituenak baino hiru gehiago. AEBetako behe ganbera etenda egon da hilaren 2an Kevin McCarthy kargugabetu zutenetik.
|
Mike Johnson izendatu dute AEBetako Ordezkarien Ganberako presidente. Louisianako errepublikano ultrakontserbadoreak 220 boto lortu ditu, izendatua izateko behar zituenak baino hiru gehiago. AEBetako behe ganbera etenda egon da hilaren 2an Kevin McCarthy kargugabetu zutenetik.
|
AEB Ameriketako Estatu Batuetako Ordezkarien Ganberak badauka presidentea: Mike Johnson. Louisiana ordezkatzen duen errepublikano ultrakontserbadoreak ganberako 217 diputaturen babesa behar zuen izendatua izateko, eta 220 boto jaso ditu. Horrek irtenbidea emango dio hiru asteko blokeoari, behe ganbera etenda egon baita hilaren 2tik, orduko presidente Kevin McCarthy zentsura mozio baten bidez kargugabetu zutenetik.
Johnsonen hautagaitza bozkatu baino ordu gutxi lehenago, haren aldeko mezuak zabaldu ditu presidente ohi Donald Trumpek. Izan ere, Johnsonek zuzendu zituen Joe Biden AEBetako presidente demokrataren 2020ko hauteskundeen garaipena baliogabetzeko ahalegin juridikoak. Alderdi Errepublikanoaren erabateko babesa izan du gaurko saioan. «Ordezkarien Ganbera martxan da berriz», esan du behe ganberako buruak.
Halere, ez da erraza izan McCarthyren ordezkoa aurkitzea. Hiru asteotan, beste hiru hautagai aukeratu dituzte errepublikanoek, baina horietako bat berak ere ez du, azkenean, kargua lortzeko adina babes eskuratu. Adibidez, atzo diputatu errepublikanoek bozketa bidez hala aukeratuta, kargua lortzen saiatzekoa zen Tom Emmer. Hautagaitza lortu eta ordu gutxira, ordea, esan zuen ez zela bozketara aurkeztuko, bazekielako ez zuela nahikoa babes izango.
Funtsezko une batean iritsi da Johnsonen izendapena. Behe ganbera desblokeatuta, barrura zein kanpora begirako hainbat erabaki garrantzitsu hartu ahal izango ditu ganberak. Eztabaidatu eta onartu beharreko neurrien artean dago, adibidez, Bidenek Ukrainarentzat eta Israelentzat eskatutako 105 milioi dolarreko laguntza. Horren harira, zera esan du Johnsonek: «Mundu guztiari erakutsiko diogu, ez Israeli bakarrik, Hamasen ankerkeria okerra eta miserablea dela».
|
2023-12-1
|
https://www.berria.eus/albisteak/234415/israelek-lurrez-inbaditu-du-gaza.htm
|
Mundua
|
Israelek lurrez inbaditu du Gaza
|
Israelgo irratia batek jakinarazi duenez, gaur goizean sartu da Israelgo armada Gazan. Airez, lurrez eta itsasoz eraso egingo zuela iragarri zuen Netanyahuk.
|
Israelek lurrez inbaditu du Gaza. Israelgo irratia batek jakinarazi duenez, gaur goizean sartu da Israelgo armada Gazan. Airez, lurrez eta itsasoz eraso egingo zuela iragarri zuen Netanyahuk.
|
* Gazako osasun sistema, «guztiz kolapsatuta» eta zerbitzuz kanpo
* Manifestazio nazionalera deitu dute Bilbon, Palestinari elkartasuna adierazteko
* Israelen bizi den bilbotarra oraindik bahituta daukatela baieztatu dute
|
2023-10-26
|
https://www.berria.eus/albisteak/234416/israelgo-armadak-sartu-irten-bat-egin-du-gazan-lurrez-inbasioa-prestatzeko.htm
|
Mundua
|
Israelgo armadak sartu-irten bat egin du Gazan, lurrez, inbasioa «prestatzeko»
|
Militarrek esan dute «Hamasen 250 helbururi baino gehiagori» egin dietela eraso. NBEk ohartarazi du zerrendan ez dagoela zibilentzako «toki segururik».
|
Israelgo armadak sartu-irten bat egin du Gazan, lurrez, inbasioa «prestatzeko». Militarrek esan dute «Hamasen 250 helbururi baino gehiagori» egin dietela eraso. NBEk ohartarazi du zerrendan ez dagoela zibilentzako «toki segururik».
|
Israelgo armadak sartu-irten «selektibo bat» egin du Gaza iparraldean bart gauean, lurrez, militarrek gaur goizean baieztatu dutenez. Hasieran uste zen Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak asteotan hainbatetan iragarri duen lurreko erasoaldia zela, baina tankeekin egindako sartu eta ateratzeko operazio bat izan da, iturri horiek azaldu dutenez; hain justu, iragarritako inbasioa «prestatzeko». «Hamasen 250 helbururi baino gehiagori» egin diete eraso, haien arabera.
«Operazioan segurtasun indarrek hainbat terrorista aurkitu dituzte, eta eraso egin diete; azpiegitura terroristak eta tankeen aurkako gordelekuak suntsitu dituzte, eta antolaketa lanak egin dituzte», esan du armadak. Operazioa amaitutakoan, Israelera itzuli dira soldaduak; Filastin Palestinako egunkariak esan du borroka bortitzak izan direla Gaza eki-erdialdean.
Bart gauekoa ez da izan Israelen lehen sartu-irtena Gazan hilaren 7az geroztik. Orain arteko handiena izan da, ordea, eta horrek alarmak piztu ditu. Joan den urriaren 14an iragarri zuen Netanyahuk lehorrez, airez eta itsasoz inbadituko dutela Gaza; bi aste pasatu dira, ordea, eta, zenbait iturriren arabera, armadako buruak urduritzen hasiak dira.
Ez dago zalantzan, baina, sartuko direla. Israelgo lehen ministroak, atzo gauean egindako agerraldi batean, berriz esan zuen lurreko inbasioa prestatzen ari direla, eta «soilik gobernuak» erabakiko duela noiz abiatuko duten, eta ez armadak; oraingoz, badirudi bahituen afera bideratu arte ez dutela hori egiteko asmorik. Afera horretaz, Netanyahuk aitortu zuen erantzun egin beharko duela Gazako milizia palestinarrek urriaren 7an egindako erasoengatik: «Hutsegiteak amaierara arte ikertuko dira. Denek eman beharko dituzte erantzunak, nik ere bai. Baina hori guztia gerraren amaieran gertatuko da».
Bien bitartean, ordea, Gazako beste bi milioi pasatxo herritarren antzera, Israelen etengabeko erasoen arriskupean daude bahitutakoak. Hamasek jakinarazi berri duenez, Filastin egunkariaren bitartez, gutxienez 50 bahitu hil dira Israelek jaurtitako bonbardaketen ondorioz.
Izan ere, zorrotz esan du gaur NBE Nazio Batuen Erakundearen Palestinako lurralde okupatuetarako koordinatzaile humanitario Lynn Hastingsek: «Gazan ez dago toki segururik zibilentzat». «Jendeak ezinezko aukerei aurre egiten die ebakuazioetarako bideak bonbardatzen dituztenean, borroken ondorioz jendea harrapatuta geratzen denean iparraldean eta hegoaldean, bizirik irauteko oinarrizko ondasunak urriak direnean eta itzulerarako bermerik ez dagoenean», deitoratu du Hastingsek komunikatu baten bitartez.
Gazako sartu-irtenarekin batera, Zisjordanian ere hainbat operazio egin ditu bart gauean Israelgo armadak, eta dozenaka palestinar atxilotu ditu. Filastin-en arabera, besteak beste, Jerusalem ekialdean, Ramallahn, Nablusen eta Betlemen izan dira operazio horiek, eta laurogei lagun atxilotu dituzte gutxienez. Wafa albiste agentziak, berriz, argitaratu du gutxienez 30 pertsona atxilotu dituztela Hebronen; Lama Jater kazetaria dago horien artean.
Borrokek ez dute etenik, ez Gazako mugan, ezta, azkenaldian, Libano hegoaldeko mugan ere. Hezbollah milizia ari da hortik Israeli eraso egiten; hori bai, hasi zirenetik, erasoaldiak ez dira areagotu, eta ez dira inguruko eremuetara zabaldu. Adierazitako elkartasunagatik eta borroketan parte hartzeagatik «eskertuta» dago Hamas, baina, The Associated Press berri agentziari talde armatuko goi kargudun batek esan dionez, «gehiago espero dute» eta «gehiago behar dute» Gazaren aurkako erasoaldia gelditzeko.
Gazarako «eten humanitario» bat eskatu dute EBko estatu kideek
EB Europako Batasuneko gobernuburu eta estatuburuak bildu dira gaur, eta, komunikatu bateratu baten bidez, Gazarako «eten humanitario» bat eskatu dute, desadostasunak alde batera utzita. Hainbat orduko eztabaidaren ondoren lortu dute ados jartzea. Aurretik ondutako dokumentuari zera gehitu diote: «Europako Batasunak babestu egiten du laster nazioarteko bake konferentzia bat egitea». EBko agintariek jarrera komun bat jakinarazi duten lehen aldia izan da.
Baina NBEren Segurtasun Kontseiluan, berriz ere huts egin dute Gazaren egoera humanitarioari eta, oro har, gerrari buruz aurkezturiko ebazpenek. Gaurko ordu txikietan egin dituzte bozketak. AEB Ameriketako Estatu Batuek aurkeztu zuten lehena, «eten humanitario bat» eskatzea jasotzen zuena, eta Txinak eta Errusiak betoa ezarri zioten, argudiatuta ez zuela su etena eskatzen; bigarrena Errusiak aurkeztu zuen, «berehalako menia bat» exijitzeko, eta, kasu horretan, AEBek eta Erresuma Batuak jarri zioten betoa.
Washingtonek kritikatu zuen testu hori «azken ordukoa eta kontsultarik gabea» izatea, eta adierazi zuen lan egiteko modu hori ez dela «egokia». Bi testu horiek kontuan harturik, NBEren Segurtasun Kontseilua lau aldiz saiatu da ebazpen bat onartzen Gazako milizia palestinarren eta Israelen arteko gerrari buruz, eta kasu guztietan huts egin du.
Israelgo militarrek gutxienez 7.000 lagun hil dituzte zerrendan hilaren 7az geroztik —horietako 2.913 haurrak—. Egoera horren harira, Hamasek protestara deitu ditu palestinarrak biharko eta iganderako; besteak beste, Rafahko (Egiptoren eta Gazaren arteko mugan) pasabidea berriz ere irekitzeko eskatzeko manifestazioak dira, organizazio politiko islamistaren arabera. Bide hori da Gazan laguntza humanitarioa sartzeko bakarra, beste guztiak itxita baitaude; gaur beste hamabi kamioi sartu dira, ura, janaria eta sendagaiak banatzeko, Palestinako Ilargi Gorriak jakinarazi duenez.
Hain justu, Ekialde Hurbileko hainbat estatuk gaitzetsi egin dituzte Gazako zibilen aurkako «zigor kolektiboa» eta behartutako lekualdatzea. Adierazpen bateratu bat sinatu dute Arabiar Emirerri Batuek, Jordaniak, Bahrainek, Arabia Saudik, Omanek, Qatarrek, Kuwaitek, Egiptok eta Marokok. Horien arabera, Israelen «defentsarako eskubideak» ez ditu justifikatzen «palestinarren oinarrizko eskubideen urraketak».
Egoera humanitarioarekin lotuta, EB Europako Batasuneko gobernuburu eta estatuburuak gaur eta bihar bilduko dira, eta, desadostasunei aurre egin ostean, «eten humanitario bat» eskatuko dute Gazarako. EBko agintariek jarrera komun bat jakinaraziko duten lehen aldia litzateke.
Hamaseko kideak, Moskun
Moskun izan da gaur Hamasen delegazio bat, Errusiako Atzerri Ministerioko bozeramaile Maria Zakharovak jakinarazi duenez. Borrokak hizpide izan dituzten arren, bahitutakoen aferaz aritu dira gehien, iturri horren arabera. Bisita horrek, ordea, ez dio graziarik egin Tel Avivi. «Israelek gaitzetsi egiten du Hamaseko kideak Moskura joateko gonbita. Ekintza horrek terrorismoa babesten du, eta legitimatu egiten ditu Hamasek egindako basakeriak», esan du Israelgo Atzerri Ministerioko bozeramaile Lioir Haiatek. Gero, delegazio hori Errusiatik kanporatzeko eskatu du.
Bisita hori da, hain justu, Errusia gatazkan izaten saiatzen ari den bitartekari rolaren adibide bat. Su etenerako deiak egin ditu Moskuk, baina ez ditu gaitzetsi ez milizia palestinarrek urriaren 7an egindako erasoa, ez Israelen okupazioa.
|
2023-10-26
|
https://www.berria.eus/albisteak/234417/ebroko-ur-konfederazioak-aitortu-du-esako-lanak-laquobehin-behineanraquo-eten-dituela.htm
|
Gizartea
|
Ebroko Ur Konfederazioak aitortu du Esako lanak «behin-behinean» eten dituela
|
Erakundeak jakinarazi du presaren gainezkabideak moldatuko dituela, urtegia handitzeko lanen proiektuan. 22 urte igaro dira urtegia handitzeko lanak hasi zituztenetik.
|
Ebroko Ur Konfederazioak aitortu du Esako lanak «behin-behinean» eten dituela. Erakundeak jakinarazi du presaren gainezkabideak moldatuko dituela, urtegia handitzeko lanen proiektuan. 22 urte igaro dira urtegia handitzeko lanak hasi zituztenetik.
|
Nafarroako urtegirik handiena da Esakoa, eta Aragoi ibaia erregulatzen du. Francisco Franco diktadoreak inauguratu zuen, 1959an, eta Espainiako Gobernuak 1983an onartu zuen urtegia handitzeko proiektua. 2001ean jarri zuten lanen lehen harria. Ordutik, ziurgabetasuna nabarmendu da Esan: lanen aurrekontuaren neurri berean handitu dira segurtasunari buruzko kezkak eta kontrako iritziak. Izan ere, pitzadurek, luiziek eta inguruko sismikotasunak ezinegon handia piztu dute herritarren artean. Beldurrezko eleberri baten antza duen auziaren beste kapitulu bat hasi da gaur: Esako urtegia handitzeko lanak etenda daudela aitortu du Ebroko Ur Konfederazioak.
Izan ere, atzo, Rio Aragon eta Esa + Ez elkarteek adierazi zuten enpresak administrari bat eta segurtasun arduraduna baino ez dituela obretan lanean. Orain, azpiegituraren arduradun Ebroko Ur Konfederazioak berak baieztatu du, ohar batean, lanak «behin-behinean» eten dituela, proiektuaren laugarren modifikazioa tramitatu bitartean: «Halako kasuetan, lanen etetea jasota dago kontratazio publikoaren legerian. Tramitazioaren moldaketak, funtsean, gainezkabide berriei eragiten die, berriz diseinatu baitira, uholdeetan urak husteko funtzioa hobeki bete dezaten».
Rio Aragon eta Esa + Ez taldeen arabera, gutxieneko langile kopuru horri eutsi dio konfederazioak, «lanak abandonatutzat jo eta kontratua eten ez diezaioten». Lanak geldirik daudela ikusita, Rio Aragon eta Esa + Ez elkarteek proiektuaren sustatzaileei exijitu diete «aitor dezatela Esa handitzeko lanak ez direla ez bideragarriak, ez arrazoizkoak», eta, hortaz, «bertan behera» utz dezatela eraikuntza enpresarekin sinatutako kontratua.
Gainkostua
2001ean, urtegia handitzeko lanak hasi zirenean, proiektuaren aurrekontua 110 milioi eurokoa zen, baina 400dik gora milioi euro gastatu ditu Espainiako Gobernuak orain arte; 200 milioi inguru faltako lirateke oraindik lanak bukatzeko. 2018an, Espainiako Kontu Auzitegiak zalantzan jarri zuen proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa, %110eko gainkostua egiaztatu ostean. Ordurako, 235 milioi gastatuak zituzten lanetan. Gaur egun, gainkostu hori askoz handiagoa da.
Proiektua martxan jarri zenetik, herritar ugarik zalantzan jarri zuten urtegia handitzeko beharra. Are, Artiedako Udalak (Aragoi, Espainia) auzitara jo zuen proiektuaren sei sustatzaileren aurka, baina Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak absolbitu zituen. 2009an igaro zen lanak bukatzeko epemuga, eta 2013an heldu zen auziaren mugarri nagusia: erregistratutako luizien ondorioz, urtegiaren eskuin hegaleko lurrak 30 zentimetro higatu ziren. Horren ondorioz, Lasaitasuna eta El Mirador de Yesa urbanizazioak hustu zituzten, eta etxebizitzak desjabetu, segurtasun arazo handiengatik. Desjabetzeko prozesua «legez kanpokoa» izan zela salatu zuten eragileek.
Azpiegitura arriskutsua
Ordutik, hainbat adituk txostenak aurkeztu dituzte obra horrek eragiten dituen arriskuak azaltzeko. 2015ean, Nafarroako Unibertsitateko hainbat ikerlarik ondorioztatu zuten Esakoa azpiegitura arriskutsua zela. 2019an, Geoconsult enpresak ikerlana aurkeztu zion Nafarroako Gobernuari, hegala «oreka hertsian» dagoela nabarmenduta. Eta 2020an, EHUk txosten bat aurkeztu zuen Zangozako Udalean, aurreko ikerketetan esandakoa berretsiz.
Aurtengo maiatzean aurkeztu zuten Ingeotyc enpresako geologoek Esari buruz egindako ikerketa. Nabarmendu zuten «ziurgabetasun handia» dagoela hegalaren dinamikaren inguruan: «Esako urtegiaren eskuin hegalaren egonkortasuna ez dago bermaturik, eta, ondorioz, urtegiaren segurtasuna ere ez, ezta lurrikararik gabeko agertoki batean ere». Irail honetan, Copernicusek, Lurra behatzeko Europako Batasunak abian jarritako programak, «mugimendua» antzeman zuen urtegiaren hegaletan.
«Lehen harria jarri zenetik, aurrekontua lau bider handitu da, orain arte gastatutako 400 milioi euroetaraino, eta suntsipena eraman dute Artieda, Zigoze eta Mianos herrietara», gogoratu dute Rio Aragon eta Esa + Ez elkarteek.
|
2023-10-26
|
https://www.berria.eus/albisteak/234418/gizon-batek-hemezortzi-pertsona-hil-ditu-mainen-bi-tiroketatan.htm
|
Mundua
|
Gizon batek hemezortzi pertsona hil ditu Mainen, bi tiroketatan
|
Ustezko egileak ihes egin du, eta oraindik ez dute topatu.
|
Gizon batek hemezortzi pertsona hil ditu Mainen, bi tiroketatan. Ustezko egileak ihes egin du, eta oraindik ez dute topatu.
|
Gaur goizaldean, gizon batek bi tiroketa masibo egin ditu Mainen (AEB), eta gutxienez hemezortzi pertsona hil eta hamahiru zauritu ditu. Tiroketak Lewiston hirian izan dira; bat, bolatoki batean, eta, bestea, jatetxe batean. Beste tiroketa bat izan den ere ikertzen ari dira. Ustezko tiratzaileak ihes egin du, eta Polizia haren bila ari da oraindik.
Tiroketen egilea 40 urteko gizon bat dela uste du Lewistongo Polizia Departamentuak, eta oraindik «armatuta» egon litekeela. Ustezko tiratzailea arma irakaslea da, eta AEBetako armadako erreserbista.
The Gun Violence Archive (Indarkeria Armatuaren Artxiboa) elkarteak ohartarazi du «2023. urteko tiroketa masiborik okerrena» izan dela, eta aurtengo 565.a. Elkarte horrek tiroketa masibotzat jotzen ditu gutxienez lau pertsona zauritzen edo hiltzen dituztenak.
Lewiston Maine estatuko hiririk handienetan bigarrena da, eta 40.000 biztanle ditu. Maineko Poliziak jendeari eskatu dio etxean babesteko. Inguruko eskola publikoek gaurko eskolak bertan behera utzi dituzte, eta Poliziak aholkatu du enpresetan gaur lan ez egiteko, erruduna topatu eta atxilotu bitartean.
|
2023-10-26
|
https://www.berria.eus/albisteak/234419/enplegu-sorrera-eten-egin-da-hego-euskal-herrian.htm
|
Ekonomia
|
Enplegu sorrera eten egin da Hego Euskal Herrian
|
Udako hiru hilabeteetan 15.600 langabe gehiago zenbatu ditu INEk. Industrian galdu da lanpostu gehien.
|
Enplegu sorrera eten egin da Hego Euskal Herrian. Udako hiru hilabeteetan 15.600 langabe gehiago zenbatu ditu INEk. Industrian galdu da lanpostu gehien.
|
Udako hiru hilabeteak txarrak izan dira Hego Euskal Herriko lan merkatuarentzat. INE Espainiako Estatistika Institutuak biztanleria aktiboaren inguruan egindako inkestaren arabera, 15.600 langabe gehiago daude lau herrialdeetan, 119.100 guztira; langabezia tasa puntu bat igo da bigarren hiruhilekoarekin alderatuta, eta %8,5ean kokatu da.
Emakumeen eta gazteen artean handitu da gehien langabezia: beste 13.600 emakume daude lanik gabe —2,2 puntuko igoera—, eta %9,6 da tasa. Guztira, 64.400 andre daude lanik gabe, langabe guztien %54. Gizonen artean, berriz, nabarmen txikiagoa izan da igoera: 1.600 langabe gehiago zenbatu ditu INEk. Tasa hiru hamarren igo da, %7,6raino. Guztira, 54.700 gizon daude lanik gabe.
Industrian galdu dira lanpostu gehienak: 11.400. Zerbitzuen sektorean, berriz, 10.700 sortu dira. Azken urteetan, zerbitzuen sektorea gero eta pisu handiagoa hartzen ari da Hego Euskal Herriko lan merkatuan, industriaren kaltetan. Iaztik, 9.500 pertsona gutxiago daude lanean bigarren sektorean; hirugarrenean, berriz, 36.200 gehiago.
Ikasturtearen amaieran ohikoa izaten den moduan, jende gehiago dabil lan bila: 15.500 gehiago. Baina hori ez da modu berean islatu enpleguaren sorreran. Izan ere, lana dutenen kopurua aurreko hilekoaren berbera da: 1.273.800. Kopuru handia da, halere. 2008. urtera egin behar da atzera antzeko kopuru bat aurkitzeko.
Lan bila jende gehiago aritzeak eta landunak ugaritu ez izanak azalduko lukete langabeziaren igoera. Beste arrazoi batzuk ere badaude, urtaroarekin lotuta: adibidez, udan, urtero gertatu ohi den moduan, hezkuntzari lotutako langile batzuk kaleratzen dituzte —garbitzaileak, jantokietako langileak, irakasle batzuk...–, eta abuztu amaieran udarako langileen kontratuak amaitu edo eteten dira.
Are nabarmenagoa egin da hori 2022ko lan erreformarekin. Horrek ugaritu egin ditu aldizkako kontratu finkoak, eta halakoak dira udako hilabeteetan etendakoetako asko. Horrek emakumeen artean izandako igoera ere azalduko luke, bereziki haiek baitituzte lan horietako asko.
Gazteen artean ere nagusi dira aldizkako edo behin-behineko kontratuak. Haien artean ere nabarmen egin du gora lanik ez dutenen kopuruak. 16 eta 34 urte bitartekoen artean 8.300 gehiago dira, bigarren hiruhilekoan baino, eta %31koa da langabezia tasa adin tarte horretan. Hego Euskal Herriko langabe guztien %41 dira.
Lurraldeka, Araban handitu da gehien langabezia tasa: 2,5 puntu, eta %9,15ean kokatu da; 4.000 langabe gehiago zenbatu ditu INEk. Kopuru absolutuetan, Gipuzkoan handitu da gehien: 8.000, eta tasak 2,2 puntu egin du gora, %8,67raino. Bizkaian, 1.500 langabe gehiago daude, eta hangoa da tasarik txikiena: %7,87. Nafarroan, berriz, 2.100 pertsona gehiago daude lanik gabe, eta han dute tasarik handiena: %9,29.
Udazkenera begira
Udazkenean datu hobeak espero dira, historikoki hala gertatu izan baita —ohikoa izaten da udan hezkuntzan galdutako lanpostuak irailean eta urrian berreskuratzea—, eta jarduera ekonomikoa bizkortzea espero baita.
ELA sindikatua, halere, ezkor azaldu da. «Datu negatiboak direla ondoriozta dezakegu. Pertsona okupatuen kopurua murriztu ez arren, ikusten dugu langabeziak nabarmen egin duela gora, eta, gainera, kolektibo kalteberei eragin diela igoerak, eta, ondorioz, are gehiago prekarizatzen dituela. Bestalde, garrantzitsua da industriaren egoera aipatzea, pertsona okupatu asko galdu baititu, eta horrek ondorio negatiboak izan ditzake gure lurraldeko egoera ekonomikoan datozen hilabeteetan».
LABek emakumeen egoera nabarmendu du. Azaldu du emakume gehiago ari direla lan bila gizonezkoak baino, eta lan horien baldintzak gero eta kaskarragoak direla. «Prekarizaturiko lan merkatuak eta zaintza lanek zamatuta, geroz eta emakume gehiagok dituzte bi lanaldi».
CCOOk analisi baikorragoa egin du. Hirugarren hiruhilekoan datuek okerrera egin arren, kontratu finkoa dutenak gero eta gehiago direla azpimarratu du. Dena den, adierazi du enpleguaren kalitatea hobetzeko ahaleginak indartu behar direla, «bereziki lanaldi partzialeko eta plataforma bideko kontratuetan».
Carmen Maeztu Nafarroako Gobernuko Enpleguko kontseilariak INEren inkestaren balorazio «anbibalentea» egin du, «langabezia handitu delako, baina baita okupazioa eta biztanleria aktiboa ere».
|
2023-10-26
|
https://www.berria.eus/albisteak/234420/iberdrolak-17-handitu-ditu-irabaziak-irailera-bitartean.htm
|
Ekonomia
|
Iberdrolak %17 handitu ditu irabaziak irailera bitartean
|
Zerga bereziagatik %1,2 gehiago ordaindu behar izan badu ere, nabarmen handitu ditu irabaziak. Galanek begi onez jo du Europako merkatu elektrikoaren erreforma.
|
Iberdrolak %17 handitu ditu irabaziak irailera bitartean. Zerga bereziagatik %1,2 gehiago ordaindu behar izan badu ere, nabarmen handitu ditu irabaziak. Galanek begi onez jo du Europako merkatu elektrikoaren erreforma.
|
Urtarriletik irailera bitartean 3.637 milioi euro irabazi ditu Iberdrolak, iazko epe berean baino %17,2 gehiago. Bolada horri eutsiz gero, berriro ere inoiz baino diru gehiago irabaziko du aurten. Izan ere, iazkoa inoizko irabazirik handienen urtea izan zen Bilboko enpresa horrentzat, 4.339 milioi euro irabazi baitzituen, baina aurten berriro gaindituko duela dirudi.
Azken urteetan energia enpresa handiak eta bankuak lortzen ari diren ezohiko irabaziak direla eta, Espainiako Gobernuak bi urteko zerga berezi bat ezarri zien biei 2022. urtearen amaieran, eta kexu izan ziren, gehiegizkoa zela argudiatuz. Energia enpresa handien kasuan, Espainian eta Hego Euskal Herrian lortutako irabazien %1,2 ordaindu behar izan diote ogasunari. Bada, kexu horiek ezerezean geratu dira irabaziak ikusterakoan.
Zergak, amortizazioak eta bestelakoak kontuan hartu gabe, 10.783 milioi euroren irabaziak izan ditu Iberdrolak, iaz baino %13,2 gehiago.
Enpresaren esanetan, energia berriztagarri gehiago ekoitzi eta saldu duelako handitu ditu irabaziak, baita energia gutxiago erosi duelako ere. Izan ere, Ukrainako gerra dela eta, Europako estatuek gas biltegiak goraino bete zituzten iaz, ezohiko erosketak eginez.
Azken hamabi hilabeteetan ia 11.000 milioi euro inbertitu ditu enpresak, eta energia berriztagarriaren 3.100 megawatteko potentzia gehitu dio bere ekoizpenari. Hala, Iberdrolaren zentral berriztagarriek 41.300 megawatteko potentzia dute.
Dibidenduak ere handitu egin ditu Iberdrolak, akzio bakoitzeko hogei zentimo banatuta.
Merkatu elektrikoaren erreforma
Joan den astean, Europako Batasuneko herrialdeak akordio batera iritsi ziren Europako merkatu elektrikoaren erreforma onartzeko, Frantziaren eta Alemaniaren arteko xextra gutxi gorabehera konpondu ostean.
Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidenteak begi onez ikusi du erreforma, inbertsioan, merkatuaren printzipioetan eta epe luzeko kontratazioan oinarritzen baita. Erreforma "indartsua" eta "orekatua" dela uste du.
Iberdrola eta Abu Dhabi
Iberdrola Abu Dhabiko funts subiranoarekin elkartu da itsasoko haize erroten proiektuan aurrera egiteko. East Anglia 3 proiektuaren %49 saldu dio Masdarri, Mubadala funts subiranoaren filialari.
Eskoziako uretako proiektu bat da East Anglia 3, kostatik 69 kilometrora dagoena. Planean, asmoa da ehun haize errota baino gehiago eraikitzea, 1.400 megawatteko potentzia edukiko dutenak guztira. Iberdrolaren kalkuluen arabera, milioi bat etxeri argindarra emateko potentzia nahikoa izango du parkeak.
Ez da Iberdrola eta Mubadala elkartzen diren lehen aldia, Baltic Eagle Itsaso Baltikoko parke eolikoaren negozioaren %49 ere bai baitu Masdarrek.
Arazoak justiziarekin
Irabazi milioidun horiek enpresarentzat albiste onak badira ere, justiziarekin arazoak ditu Iberdrolak. Joan den astean epaiketa bat hasi zen Espainiako Auzitegi Nazionalean enpresaren eta lau zuzendariren aurka, 2013an merkatu elektrikoa manipulatzeagatik eta argindarraren prezioak puzteagatik.
Akusatuak deklaratzen ari dira orain, eta epaiketaren fase horrek azaroaren amaierara arte iraungo du. 85 milioi euroko isuna eskatzen diote Iberdrola Generacioni, enpresaren ekoizpen filialari, eta zuzendari bakoitzari, bi urteko kartzela zigorra.
|
2023-10-26
|
https://www.berria.eus/albisteak/234421/eusko-legebiltzarrak-jaurlaritzari-eskatu-dio-ikus-entzunezkoak-indartzeko.htm
|
Bizigiro
|
Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatu dio ikus-entzunezkoak indartzeko
|
EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk bat egin dute eskaera egiteko, eta erdibideko zuzenketa bat adostu dute. PP eta Ciudadanos abstenitu egin dira, eta soilik Voxek bozkatu du aurka. Legebiltzarrak «ontzat» jo du Primeran plataforma sortu izana.
|
Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatu dio ikus-entzunezkoak indartzeko. EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk bat egin dute eskaera egiteko, eta erdibideko zuzenketa bat adostu dute. PP eta Ciudadanos abstenitu egin dira, eta soilik Voxek bozkatu du aurka. Legebiltzarrak «ontzat» jo du Primeran plataforma sortu izana.
|
Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio indartu dezala ikus-entzunezkoen alorra, eta sistema gisa funtzionatzeko eta egituratzeko dauden aukerak aztertu eta garatu ditzala. «Sorkuntzan, ekoizpenean eta hedapenean ditugun baliabide guztiak elkarreraginean jarriz». EH Bilduren mozio bat izan da akordioaren abiapuntua, eta erdibideko zuzenketa adostu dute EH Bilduk berak, EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk. Lau taldeen aldeko botoekin onartu dute, eta PP eta Ciudadanos abstenitu egin dira. Vox izan da kontra bozkatu duen bakarra.
Legebiltzarrak «ontzat» jo du EITBk Primeran plataforma martxan jarri izana. «Euskarazko eta euskal ikus-entzunezko edukietarako irismena erraztu, ingurune digitalean euskararen presentzia handitu, eta euskarazko ikus-entzunezkoen arloan zabaltzen duen aro berriak euskararen biziberritzean lagunduko du», esaten du lau talde politikoek sinatutako testuak.
Bestalde, legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatu dio ikus-entzunezko alorreko sorkuntza eta ekoizpen independenterako laguntzak eta tresnak garatuz, inbertsioa handituz eta hobekuntzak txertatuz joateko, «urteroko sorkuntza eta ekoizpena aberastuz joan dadin». Erdibideko zuzenketaren azken puntuan, Eusko Legebiltzarrak EITB taldeari egin dio erreferentzia: «Legebiltzarrak EITBri eskatzen dio orain arte bezala bere zerbitzuen doakotasuna bermatzeko, eta bere kanal eta euskarrietan lan zinematografiko nabarmenak, lehen mailako fikziozko lanak, dokumentalak eta gaurkotasunezko animazioko lanak eskaintzen jarraitzeko».
Azken alor horri lotuta, Administrazioan Euskaraz taldeak datu esanguratsu bat eman du asteon sare sozialetan: 2021eko martxotik hona, ETB1ek soilik atzerriko zazpi film eman ditu euskarara bikoiztuta: 2021ean, lau film; iaz, bi; eta aurten, bakar bat: Akatsik gabe (Flawless). Zinta hori uztailaren 23an eman zuen ETB1ek.
«Faxismoari aurre eginez» EH Bildu koalizioak nabarmendu du «akordio zabala» sustatu duela euskal ikus-entzunezkoen alorra indartzeko eta egituratzeko. Ekinaldiaren aurkezpenean, Jasone Agirre EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi du Primeran plataformak ilusioa piztu duela. «Aukera hau aprobetxatu behar dugu Primeran akuilu izan dadin, plataforma horrek aro berri bat zabaldu dezakeelako, besteak beste, gazteak erakarri eta fidelizatzeko eta euskarazko edukiak ahalik eta euskarri gehienetan zabaltzeko».
Ikus-entzunezkoen gaineko akordioa testuinguruan jarri du Agirrek: «Askatasunak kolokan daude egun, eta euskararen aurkako oldarraldi bete-betean gaudela, euskarazko ikus-entzunezkoak sortuz eta kontsumituz aurre egin beharko diogu egoera horri. Euskarazko edukiak ikusten eta entzuten ere aurre egiten zaio faxismoari». Herri gisa bizirik irauteko, euskarazko ikus-entzunezko sektore indartsua behar dela gaineratu du EH Bilduko ordezkariak.
|
2023-10-26
|
https://www.berria.eus/albisteak/234422/siemens-energyk-alemaniako-gobernuaren-erreskatea-eskatu-du-gamesaren-galerengatik.htm
|
Ekonomia
|
Siemens Energyk Alemaniako Gobernuaren erreskatea eskatu du, Gamesaren galerengatik
|
Siemens Gamesaren jabe den taldeak 4.500 milioi euro galtzea espero du aurten, eta, proiektuak finantzatzeko arazoak dituenez, bermeak negoziatzen ari da Berlingo gobernuarekin.
|
Siemens Energyk Alemaniako Gobernuaren erreskatea eskatu du, Gamesaren galerengatik. Siemens Gamesaren jabe den taldeak 4.500 milioi euro galtzea espero du aurten, eta, proiektuak finantzatzeko arazoak dituenez, bermeak negoziatzen ari da Berlingo gobernuarekin.
|
Alemaniako Der Spiegel aldizkariak kaleratu du Siemens Energy taldea nabarmen okertu dela. Zabaldutako informazioaren arabera, arazoak ditu proiektu energetikoak finantzatzeko, sektore eolikoan egiten ari diren negozioen eraginez, eta, horregatik, Alemaniako Gobernuarekin eta hiru bankurekin negoziatzen ari da: gobernuak milaka milioi euroren bermeak emango lituzke, eta horrek bankuen finantzaketa lortzen lagunduko lioke.
Siemens Energyk baieztatu egin du informazioa. Taldeak finantza merkatuei jakinarazi die energia eolikoaren negozioan arazoak dituela oraindik, eta adierazi du iragarri baino emaitza txarragoak izango dituela, irabaziei buruzko ohartarazpen baten bidez. Konpainiaren akzioak %35 inguru jaisten ari dira gaur, Frankfurteko Dax indizean.
Azken asteetan, Siemens Gamesaren inguruko albiste txarrak iristen ari dira. Taldeko iturriak aipatuz duela bi aste Reuters agentziak kaleratu zuenez, Siemens Energy aztertzen ari da lurreko parke eolikoen arloan dabiltzan fabrikak eta bulegoak ixtea, sektore eolikoko galerak gutxitzeko. Gainera, irailaren 20an, enpresako arduradunak UGT eta CCOO sindikatuekin bildu ziren, eta onartu zuten 4.500 milioi euro ingururen galerak espero zituztela.
Ikusi gehiago: Sektore eolikoarentzako laguntzak 1.400 milioi euroraino bikoiztuko ditu Bruselak
Datu hori bat dator Der Spiegel-ek zabaldutakoarekin. Albistean aipatzen denez, Siemens Energy taldeak 4.500 milioi euroren galerak espero ditu aurten, eta, zehazki, Siemens Gamesaren eraginez galduko luke diru gehien (4.300 milioi euro). Taldeko iturrien arabera, abendu amaieran galera handiagoak izatea aurreikusten dute, gainera: hala, luzarora ez lukete funts nahikorik izango zulo horiek estaltzeko eta euren hazkundea finantzatzeko.
Horregatik ari dira Berlingo gobernuarekin negoziatzen milaka milioi euroren bermeak. Negoziazioaren beste erpina hiru banku dira —Bank of America, Commerzbank eta Deutsche Bank—. Informazioak ez du zehazten gobernuak edo bankuek baldintza berezirik ezarri dioten Siemens Energyri bermeak eta maileguak lortzearen truke. Aldi berean, Siemens Energyren %25 Siemensena da, eta horrek ez du berme gehiago jarri nahi, honezkero 7.000 milioi euroko konpromisoa bermatu baitu, eta Berlingo gobernua haserre dago horregatik.
Ez da zehaztu zenbateko bermeak emango lizkiokeen Berlingo gobernuak. WirtschaftsWoche aldizkari ekonomikoak aipatu du taldeak 15.000 milioi euro inguruko bermeak nahi dituela —urtero, 7.000-8.000 behar izaten ditu bere proiektuen finantzaketa lortzeko. Der Spiegel-ek dio alemaniarrek ez dutela ezer ordaindu beharko berme horiengatik, baina, zenbaiten arabera, gobernuaren laguntza hori erreskatetzat jo liteke.
Dena den, taldeko iturriek diote ez dutela likidezia arazorik. Haien arabera, beste negozioetan ondo doakio, baina azpiegitura elektrikoen edo gas turbinen hazkundearekin jarraitzeko ezinbesteko zaio bermeak eta finantzaketa lortzea. Siemens Energyren arabera, sektore eolikoaren egoerak kalte egiten dio jarduera osoari.
Ikusi gehiago: Siemens Gamesaren etorkizunaren gaineko «kezka» azaldu dute CCOOk eta UGTk
Azken asteetan Alemaniatik heltzen ari diren beste informazioen moduan, Siemens Energyk dio Gamesaren ardura direla galerak. Siemens Energyren arabera, ez dute lortu Gamesa taldean integratzea, eta Madrilgo zuzendaritzarekin gatazka dute. Industria eolikoak egun dituen zailtasunekin lotzen dute egoera: energiaren eta lehengaien kostuak produktuetan islatzeko zailtasunak; Vestas, Nordex eta General Electricekin gero eta haize errota handiagoak egiteko lehia; Txinako enpresen lehia...
Horrez guztiaz gain, Siemens Gamesak abuztuan onartu zuen akatsak izan direla lurreko haize erroten bi turbina motatan, eta 1.600 milioi euroko kalte ordaina ordaindu beharko duela. Gainera, beste 600 milioi jarri behar izan ditu itsasoko haize erroten turbinak amortizatzeko.
|
2023-10-26
|
https://www.berria.eus/albisteak/234423/kutxabankek-jada-gainditu-ditu-iazko-irabaziak.htm
|
Ekonomia
|
Kutxabankek jada gainditu ditu iazko irabaziak
|
BBK, Kutxa eta Vitalen bankuak 385,2 milioi irabazi ditu urteko lehen bederatzi hilabeteetan, iaz baino %53 gehiago.
|
Kutxabankek jada gainditu ditu iazko irabaziak. BBK, Kutxa eta Vitalen bankuak 385,2 milioi irabazi ditu urteko lehen bederatzi hilabeteetan, iaz baino %53 gehiago.
|
Aparretan daude euroguneko bankuak iazko uztailean Europako Banku Zentrala interes tasak igotzen hasi zenetik. Kutxabank ez da salbuespena: urteko lehen bederatzi hilabeteetan 385,2 milioi euro irabazi ditu, iaz tarte horretan baino %53,8 gehiago.
Dagoeneko gainditu ditu iazko emaitza onak, baina ez hori bakarrik: atzean utzi ditu bere historiako irabazirik handienak, 2019an lortutakoak, orduan 352 milioiren mozkina izan zuen eta.
Gainera, kontuan hartu behar da aurten ordu hartan ez zegoen bankuen gaineko zerga berezi bat ordaintzen ari dela. Guztira, 165 milioiren zergak pagatu ditu.
Egiari zor, Kutxabank oraindik ez da iritsi 2012ko bateratzearen aurreko emaitzetara. 2008an, esaterako, 556 milioi euro irabazi zituzten gaur bankua osatzen duten hiru erakundeek: BBK-k 339 milioi irabazi zituen; Gipuzkoa Donostia Kutxak, 141 milioi; eta Vital Kutxak, 76 milioi. Nekez iritsiko da aurten zenbateko horretara, baina baliteke 500 milioiren langa gainditzea.
Mozkinen %60 bere hiru akziodunen artean banatzen ditu Kutxabankek —%57 BBKrentzat, %32 Kutxarentzat, eta %11 Vitalentzat—, eta gehien-gehiena banku fundazioen gizarte ekintza elikatzeko erabiltzen dute.
Maileguak
Irabazi mardula neurri batean interes tasa handien ondorio den arren, finantzaketa garestiak «eragin negatiboa» du mailegu kopuruan. Horixe bera nabarmendu zuen Eduardo Ruiz de Gordejuela Kutxabankeko kontseilari ordezkari berriak, irailean Bilbon emandako hitzaldian.
Maileguei dagokienez, bi joera ikus daitezke: enpresei emandako maileguak handitzen ari dira (3.518 milioi urtarriletik irailera), baina etxebizitzak erosteko baliaturiko dirua txikitzen, sinatutako hipotekak (2.524 milioi) apalagoak direlako bezeroek kitatu dituztenak baino. Ondorioz, Kutxabankek orotara mailegatuta daukan dirua «egonkorra» da, 47.000 milioi euroren bueltan.
Kredituak ez ezik, bankuek aseguru asko ere saltzen dituzte azken urteetan. Kutxabankek 89.000 poliza berri egin ditu 2023. urtean. Osasun aseguruak %84 handitu dira, enpresei emandakoak %19, autoenak %14, eta etxekoak, berriz, %6.
Inbertsio funtsak
Aurrezkiari dagokionez, Bilbon egoitza duen bankuak sendotu egin du inbertsio funtsen aldeko apustua. Neurriz bera baino handiagoak diren bankuak baino diru gehiago biltzen ari da inbertsio funtsetan inbertitzeko. Urteko lehen bederatzi hilabeteetan 2.546 milioi euro bereganatu ditu, «merkatu sarrera berri guztien %13». Taldeak 25.000 milioi euro inguru kudeatzen ditu inbertsio funtsetan, diru zorro delegatuetan, eta %7,43ko merkatu kuota du.
Kutxabankek, sektore osoak bezala, kritikak piztu ditu gordailuak dituzten bezeroei interes tasa apalak ordaintzeagatik. EBZk eta Espainiako Gobernuak jada eskatua zuten aurrezkia gehiago saritzeko, eta, azkenaldian, Eusko Jaurlaritzak ere bat egin du eskaera horrekin. Presio horrek eta lehiakideen eskaintzek eraginda, Kutxabankek ere handitu du gordailuen truke ematen duen interesa —%3raino, bezerorik onenentzat—.
Baina igoera horrek oraindik ez du bere kontuetan islarik izan, ia-ia bikoiztu egin baitu (+%94,6) interesetan jaso duenaren eta ordaindu duenaren arteko tartea.
|
2023-10-26
|
https://www.berria.eus/albisteak/234424/bero-jasanezinaz-eta-lurpeko-uren-agortzeaz-ohartarazi-du-nbek.htm
|
Mundua
|
Bero «jasanezinaz» eta lurpeko uren agortzeaz ohartarazi du NBEk
|
Munduak bizi duen krisi ekologikoak ekar ditzakeen sei arrisku katastrofiko zerrendatu dituzte Nazio Batuen Erakundearen Unibertsitateak egindako txosten batean.
|
Bero «jasanezinaz» eta lurpeko uren agortzeaz ohartarazi du NBEk. Munduak bizi duen krisi ekologikoak ekar ditzakeen sei arrisku katastrofiko zerrendatu dituzte Nazio Batuen Erakundearen Unibertsitateak egindako txosten batean.
|
Gizakiarentzat «bero jasanezina» agertzea, lurpeko urak agortzea eta espezieak bizkor desagertzea dira Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Unibertsitatearen txosten batek identifikatu dituen atzera-bueltarik gabeko sei puntuetatik hiru. Hauek dira beste hirurak: mendiko glaziarrak desagertzea, espazioko kutsadura eta hondamendien maiztasunaren dela-eta aseguru sistema kolapsatzea. Horiei aurre egiteko, egungo krisi ekosoziala eragiten duten arrazoiei kasu egiteko eskatu du NBEk, eta ez bakarrik egokitzeari. NBEko Unibertsitateko Ingurumen eta Giza Segurtasuneko Institutuak argitaratutako txostenean azaldu dutenez, ekosistemak, elikadura sistemak eta sistema hidrikoak hondatzen direnean, «prozesua ez da erraza eta aurreikusteko modukoa izaten. Aitzitik, ezegonkortasuna poliki-poliki handitzen da, bat-batean atzera-bueltarik gabeko puntu bat gainditzen den arte, eta sistema funtsean aldatzen da, edo kolapsatu egiten du, eta inpaktu katastrofikoak ekarri». Honela definitzen ditu gertaera horiek: «sistema sozioekologiko bat jada ez da gai arriskuak arintzeko eta aurreikusitako funtzioak emateko, eta, horren ondorioz, inpaktu katastrofikoak izateko arriskua nabarmen handitzen da». Txostenak ohartarazi du atzera-bueltarik gabeko puntuak edo puntu kritikoak gainditzea klimaren, ekosistemen, gizartearen edo teknologiaren eremu indibidualetatik harago doala. Dioenez, horiek elkarri lotuta daude berez, eta lotura estua dute giza jarduerekin eta irauteko baliabideekin. Puntu kritikoaren adibide bat da lurpeko uraren agortzea, eta gogorarazi du akuiferoak funtsezko ur iturria direla mundu osoan, 2.000 milioi pertsonak baino gehiagok erabiltzen baitituzte. «Lurpeko uraren % 70 inguru nekazaritzan erabiltzen da, sarritan azaleko iturrietan nahikoa ur ez dagoelako. Gaur egun, lehorteek nekazaritzan eragindako galeren erdiak arintzen laguntzen dute akuiferoek, eta fenomeno hori etorkizunean handitzea baino ez da espero, klima aldaketaren ondorioz». Txostenak ohartarazi du munduko akuiferorik handienen erdiak baino gehiago agortzen ari direla naturalki leheneratu baino azkarrago. «Geruza freatikoa egungo putzuen mailaren azpitik jaisten bada, nekazariak urik gabe gera daitezke bat-batean». Herrialde batzuek –hala nola Saudi Arabiak– puntu kritiko hori gainditu dutela ondorioztatu dute txostenean; eta beste batzuk –India, kasurako– hortik gertu daudela.
Bero jasanezinarena da azterketan aipatu dituzten arriskuetako beste bat. Gero eta bolada gehiago eta gogorragoak izanik, arriskua dago giza gorputzak jasan ezin izango lukeen beroa gainditzeko. Ontzat jo dute hori eragozteko sistema aringarriak bilatzea, baina gaineratu dute irtenbide horiek berez ez dutela sakoneko arazoa konponduko. Horri dagokionez, NBEko adituek adierazi dute aire girotuko aparatuak instalatzea dela arrisku hori «atzeratzen» duen ohiko irtenbidea. Gaineratu dutenez, benetako irtenbide gisa «sistema iraunkorragoa eta sendoagoa» ezarri beharko litzateke, halakorik gerta ez dadin. Hain zuzen ere, eraldaketa handia behar da egungo sisteman, eta txostenaren egileek salatu dute ondorioak atzeratzeko tresnak jartzea lehenetsi dutela gaur-gaurkoz, sisteman beharrezko aldaketak egitea baino gehiago.
|
2023-10-26
|
https://www.berria.eus/albisteak/234425/ebzk-iradoki-du-aldi-baterako-45ean-utziko-dituela-interesak.htm
|
Ekonomia
|
EBZk iradoki du aldi baterako %4,5ean utziko dituela interesak
|
Inflazioa «oso goian» izango da «oso denbora luzean», banku zentralak aitortu duenez. Ez du eztabaidatu bere balantzean pilatutako zor publikoa bizkorrago arintzeaz.
|
EBZk iradoki du aldi baterako %4,5ean utziko dituela interesak. Inflazioa «oso goian» izango da «oso denbora luzean», banku zentralak aitortu duenez. Ez du eztabaidatu bere balantzean pilatutako zor publikoa bizkorrago arintzeaz.
|
Ustekaberik ez da izan, eta Europako Banku Zentralak bere hartan utzi ditu interes tasa ofizialak: aurrerantzean ere bankuek %4,5 ordaindu beharko diote EBZri maileguen truke, eta EBZk %4 ordaindu beharko du bankuen gordailuen truke. Atenasen egindako bileran, EBZk ziurtatu du inflazioa «oso goian» izango dela «oso denbora luzean». Mezu horrek iradokitzen du denbora asko igaro beharko dela banku zentrala interes tasak jaisten hasi arte.
Merkatuek datorren urtean bi aldiz egitea espero dute, baina Nazioarteko Diru Funtsak ez du mugimendurik espero urtea bukatu arte bederen. Noiz egingo duen arrastorik ez du eman Christine Lagarde EBZko presidenteak, kontseiluko bileraren osteko prentsaurrekoan: «Gaia ez dugu eztabaidatu ere egin. Debate hori hasteko oso goiz da oraindik».
Interes tasak ez ukitzeko erabakia aho batez hartu dute EBZko kontseiluko kideek, eta horrek erakusten du banku zentrala oso ziur dagoela hartutako bidea zuzena dela: interes tasak igota, bankuak mailegu gutxiago ematen ari dira; horrek jarduera ekonomikoa asko moteldu du, eta horren bitartez ari dira inflazioa itotzen.
Urrian, beherago
Eurogunean, inflazioa %5,2tik %4,3ra jaitsi zen abuztutik irailera, eta asteartean zabalduko da urriko datua. Jaitsiera nahiko handia espero da orduan ere, baina EBZk azaldu du egutegi kontuengatik gertatuko dela hori, hau da, iazko udazkenean jo zuelako goia —%10,6ra iritsi zen 2022ko urrian—, eta horrekiko aldea delako oraingo inflazioa. Banku zentralaren beraren aurreikuspenak betetzen badira, 2025 arte itxaron beharko da inflazioa bankuarentzat onargarria den maila batera gerturatzeko (%2,1).
Helburu hori lortu arte interesak ez direla asko jaitsiko adierazi du Lagardek, baina horrek ez du esan nahi ez dela beheranzko mugimendurik izango, eskua lasaitzeko presioa handitu egingo baita ekonomia atzeraldian sartuz gero. Datorren asteartean emango du Eurostatek hirugarren hiruhilekoari buruzko lehen datua, eta zeroren bueltan ibiltzea edo negatiboa izatea espero dute analistek.
Gainera, badago beste faktore bat: enplegua. Oso ongi eutsi dio oraintsu arte, baina lan merkatua lehen neke zantzuak azaltzen ari dela onartu du Lagardek.
Zorra erosteko programak
Interes tasetan ez ezik, beste neurrietan ere ez da aldaketarik. Azken urteetan, EBZk ia bost bilioi euro jaulki ditu herrialdeen eta enpresen zorra erosteko, eta gutxika-gutxika ari da diru hori zirkulaziotik kentzen. Badira hilabete batzuk APP programarekin erositako bonuen irabazia ez duela berriro inbertitzen, eta zalantza zegoen PEPP pandemiaren aurkako programa bereziko inbertsioekin gauza bera egingo ote zuen. Ez du halakorik egin.
Are gehiago, Lagardek ziurtatu du gaia ez dutela eztabaidatu ere egin. Horrenbestez, gutxienez 2024. urtea amaitu arte jarraituko duela programa horren bitartez berreskuratutako dirua inbertitzen. Diru hori merkatutik kentzea handitzen ari da euroguneko gobernuek beren zorraren truke ordaintzen duten interesa, eta, horregatik, tentuz jokatzeko presioa du banku zentralak.
|
2023-10-26
|
https://www.berria.eus/albisteak/234426/eh-bilduk-esan-du-aurrekontuetan-aro-aldaketa-islatu-behar-dela.htm
|
Politika
|
EH Bilduk esan du aurrekontuetan «aro aldaketa» islatu behar dela
|
Eskatu du inbertsio publikoak luzaz iraun dezala eta sendoa izan dadila, eta adierazi zaintza publiko komunitarioak «jauzi kualitatiboa» behar duela udaletan.
|
EH Bilduk esan du aurrekontuetan «aro aldaketa» islatu behar dela. Eskatu du inbertsio publikoak luzaz iraun dezala eta sendoa izan dadila, eta adierazi zaintza publiko komunitarioak «jauzi kualitatiboa» behar duela udaletan.
|
Eusko Jaurlaritzarako aurrekontu proiektua aurkeztu berri du Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak, eta gainerako erakundeek ere ariketa hori egin behar duten abagunean EH Bilduk marko bat aurkeztu du aurrekontuen negoziazioetarako. Unai Urruzuno politika instituzionaleko idazkariak eta Onintze Oleaga udal politikako idazkariak eman dituzte azalpenak, Donostian. Urruzunok gogoratu du diru bilketa handitzeak eman duela modua Eusko Jaurlaritzan ezagutzen den aurrekonturik handiena osatzeko. Baina inflazioa ere aipatu beharrekotzat jo zuen. «Salbuespen» egoera hori aprobetxatu beharra dagoela esan zuen. Aro aldaketa bat islatuko duten eta inbertsio publikoa sustatuko duten aurrekontu proiektuak defendatuko dituzte, bultzada politikoz, irautea xede izango dutenak «egoera soziodemografiko berri baterako eta erronka sozial berrietarako trantsizioari ekiteko».
Eusko Jaurlaritzarako, Nafarroa Parlamenturako eta Espainiako Gobernurako aurrekontuak jorratzeko orduan «ongizatea» sustatuko duten inbertsioak lehenetsiko dituzte, osasunean eta hezkuntzan indar eginez. Bizitzaren garestitzearekin lotuta, alokairu babesturako diru sailak sustatuko dituzte, eta udalentzako finantzaketa lerroak ere bai. Lanbide arteko gutxieneko soldata 1.400 eurokoa izatea eta soldatak KPIren arabera eguneratzea ere bultzatuko dute.
Urruzunok kezka agertu du industria pisua galtzen ari delako. «Joera hori iraultzeko politikak behar ditugu». Adierazi du finantzen euskal institutuak ehun industrialari «hemen eusteko azterketa egin eta hemengoa bultzatu» beharko lukeela, eragileekin elkarlanean.
Oleagak gogora ekarri du gero eta udal ordezkaritza zabalagoa duela EH Bilduk. «Udal politika ulertzen dugu jendearen bizitzak hobetzeko eta egungo erronka garaikideei aurre egiteko». Hiru ardatzetan egingo dute indarra: zaintza publiko komunitarioak jauzi kualitatibo bat egin dezan lan egingo dute udaletako aurrekontuen negoziazioetan; berdintasun soziala sustatuko dute, eta klima larrialdiari aurre egiteko aitzindaritza hartuta energia berriztagarriei bultzada emango diete; eta etxebizitzetarako sarbidea errazteko udal politikak garatzeko aurrekontuak jorratuko dituzte.
|
2023-10-26
|
https://www.berria.eus/albisteak/234427/etxeko-langile-bati-langabezia-saria-jasotzeko-eskubidea-aitortu-dio-epaitegi-batek.htm
|
Ekonomia
|
Etxeko langile bati langabezia saria jasotzeko eskubidea aitortu dio epaitegi batek
|
2022ko urriaren aurretik zegoen araudia diskriminatzailea dela ebatzi du epaitegiak, EBko Justizia Auzitegiaren doktrina aplikatuta.
|
Etxeko langile bati langabezia saria jasotzeko eskubidea aitortu dio epaitegi batek. 2022ko urriaren aurretik zegoen araudia diskriminatzailea dela ebatzi du epaitegiak, EBko Justizia Auzitegiaren doktrina aplikatuta.
|
Bilboko Lan Arloko 7. Epaitegiak arrazoia eman die etxeko langile bati eta ELAri; hain zuzen ere, langabezia saria jasotzeko eskubidea aitortu dio 2022ko irailean kaleratutako etxeko langile bati. Sindikatuak adierazi du ebazpena «garrantzitsua» dela, agerian uzten baitu etxeko langileek «diskriminazioa» pairatzen dutela.
2022ko irailean kaleratu zuten langilea. Orduan, etxeko langileek eta haien enplegatzaileek ez zuten langabeziarako kotizaziorik ordaintzen. Hurrengo hilabetean aldatu zen kontua, urrian, Espainiako Gobernuak onartu zuen dekretu bati esker. Ordutik hona, Espainiako eta Hego Euskal Herriko etxeko langileek langabezia saria jasotzeko kotizatzen dute, baita Fogasa Soldata Bermatzeko Funtsean ere.
Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak diskriminatzailetzat jotzen du Espainiak 2022ko urria baino lehen zuen araudia, ez zielako ezartzen langabezia saria jasotzeko kotizatzeko beharrik langileei eta enplegatzaileei. Ebazpenaren arabera, «babesik gabe» zeuden langile horiek.
Hala, Espainiako justizia behartua dago Europako justiziak ebatzitakoa aplikatzera, eta, ELAren ustez, urrats garrantzitsua da, aurrekari bat izango baita.
|
2023-10-26
|
https://www.berria.eus/albisteak/234428/errusiaren-aurkako-zigorren-kontra-bozkatuko-du-eslovakiako-lehen-ministro-berriak.htm
|
Mundua
|
Errusiaren aurkako zigorren kontra bozkatuko du Eslovakiako lehen ministro berriak
|
Ukrainari inolako laguntza militarrik ez diola emango berretsi du ezker nazionalistako Fico gobernuburuak
|
Errusiaren aurkako zigorren kontra bozkatuko du Eslovakiako lehen ministro berriak. Ukrainari inolako laguntza militarrik ez diola emango berretsi du ezker nazionalistako Fico gobernuburuak
|
Eslovakiak lehen ministro berria du atzotik, Robert Fico ezkerreko nazionalista, eta Bruselara joan da gaur Europar Kontseiluaren bileran parte hartzeko. Hegazkinera igo aurretik, argi utzi du zer jarrera izango duen Eslovakiak bileran: Errusiari zigor neurri gehiago jartzearen aurka bozkatuko du, eta berretsi du ez diola inolako laguntza militarrik emango Ukrainari.
«Zigorrek geuri egin behar badigute kalte, ez diot zentzurik ikusten horien alde egiteari», adierazi du. Izan ere, Baltikoko herrialdeek zigor neurri gehiago proposatu asmo zuten gaurko bileran. Europar Kontseiluari txosten bat eskatu nahi dio Ficok, zigorrek Eslovakiari nola eragingo dioten jakiteko, horien alde egin aurretik.
Horrez gain, Hungariako gobernuburu Viktor Orbanek egin bezala, adierazi du ez diola «batere laguntza militarrik» emango Ukrainari.
Ficok esan duenez, «Ukrainan operazio militarrak berehala gelditzeko» aukera bultzatu nahi dute beren jarrerarekin, eta mezua helarazi die Europako Batasuneko gainerako herrialdeei: «EB, arma hornitzaile barik, bake sortzaile bihurtu beharko litzateke». Europak Ukrainarako bake planaren bultzatzaile nagusia izan beharko lukeela gaineratu du, ardura hori Ameriketako Estatu Batuei utzi gabe.
Uste du Bakea lurren truke formula saihetsezina dela, eta Errusia ez dela erretiratuko Krimeatik eta Donbassen okupaturiko eremuetatik.
Iraileko hauteskunde kanpainan agindutakoa betez hasi du agintaldia. Izan ere, laguntza militarra etengo zuela hitzeman zuen, Eslovakiaren atzerri politika «independentea» izango zela, eta mugak «legez kanpoko etorkinen aurka» indartuko zituela.
Ezkerreko eta eskuineko nazionalisten koalizio batek osatu du gobernua Eslovakian, eta, besteak beste, Hlas (Ahotsa) alderdi sozialdemokrataren eta eskuin muturreko Eslovakiako Alderdi Nazionalaren sostengua du.
Lehen ere izan da Fico lehen ministro, 2006tik 2010rako agintaldian, eta 2012tik 2018ra. Kargua utzi zuen orduan, Jan Kuciak kazetariaren hilketaren ostean. Ficoren Smer alderdia ikertzen ari zen Kuciak.
|
2023-10-26
|
https://www.berria.eus/albisteak/234429/gure-esku-k-ohartarazi-du-burujabetza-prozesu-bat-laquoeztabaidatzeko-eta-adostekoraquo-garaia-dela.htm
|
Politika
|
Gure Esku-k ohartarazi du burujabetza prozesu bat «eztabaidatzeko eta adosteko» garaia dela
|
Hamar urte bete ditu Gure Esku-k, eta zehaztu du ildo «ahalduntzailearekin» eta «mobilizatzailearekin» jarraituko duela. Kontseiluak deitutako azaroaren 4ko manifestazioarekin bat egin du, baita azaroaren 30eko greba feminista orokorrarekin ere.
|
Gure Esku-k ohartarazi du burujabetza prozesu bat «eztabaidatzeko eta adosteko» garaia dela. Hamar urte bete ditu Gure Esku-k, eta zehaztu du ildo «ahalduntzailearekin» eta «mobilizatzailearekin» jarraituko duela. Kontseiluak deitutako azaroaren 4ko manifestazioarekin bat egin du, baita azaroaren 30eko greba feminista orokorrarekin ere.
|
Duela hamar urte ekin zion bere bideari Gure Esku-k. «Ordutik, Euskal Herriak behar duen erabakitzeko eskubidearen aldeko bide honetan ari gara», adierazi du Josu Etxaburu Gure Esku-ko bozeramaileak, eguerdian Bilbon egindako agerraldian. Hamar urte hauetan, harremanak «eraiki», kateak «lotu» eta adostasunak «josi» dituzte, baita ekintzak antolatu ere. Orain, lan horretan jarraitzeko asmo sendoa erakutsi dute. Izan ere, Etxaburuk ohartarazi du «subiranotasunaren auziari» konponbideak bilatzeko garaia dela oraingoa, «abagune politiko interesgarri bat» baitago: «Burujabetza prozesu bat eztabaidatu eta adosteko garaia da».
Ikusi gehiago: Estatutua edo estatusa auzitan
Gure Esku-ren ustez, Euskal Herriak, «herri gisa», beharrezkoa du burujabetza. Eta garaia da burujabetza prozesu bat martxan jartzeko, subiranotasunaren gaia agenda politikoan baitago gaur egun; besteak beste, «Espainiako Gobernua osatzeko prozesuan presente dago», eta «Nafarroako Foru Hobekuntza berritzeko prozesuan». Sinergiak sortzeko eta herri gisa ekiteko, Gure Esku-k bere «ohiko» bi bideei eutsiko die: ildo ahalduntzaileari eta mobilizatzaileari. Erabakitzeko eskubidearen pedagogia egiten ere jarraituko dute, «denon beharra baita».
Etxaburuk gogoratu du «Euskal Herria zazpi lurraldez osatutako herri bat» dela erakutsi dutela azken hilabeteetan. Frantziako Tourra eta Espainiako Vuelta baliatu dituzte horretarako: «Ikurrinen eta nafar banderen uholdeak sortu ditugu; argi utzi dugu Euskal Herriak burujabetza nahi duela eta behar duela». Izan ere, Gure Esku-k uste du «burujabetza falta» agerikoa dela, eta errepikatu du «subiranotasuna» beharrezkoa dela: «Adibide gisa har daiteke Palestina bizitzen ari den egoera». Gainera, Palestinari elkartasuna adierazteko baliatu du agerraldia.
Euskara eta zaintza
Burujabetzaren auzian, Etxaburuk ezinbestekotzat jo du hizkuntza: «Euskal Herria ez da herria euskararik gabe, eta harekiko oldarraldiak onartezinak dira». Horregatik, Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 4rako deitu duen manifestazioarekin bat egiteko deia egin du, eta euskararen aurkako «erasoak, mespretxuak eta irainak» salatu. «Gure hizkuntza eskubideak ezin dira egon euskal gizartearen borondatearekin bat ez datorren sistema judizial baten menpe».
Era berean, azaroaren 30eko greba feminista orokorra ere babestu du. «Burujabetza faltak Euskal Herriarentzat aurrera eraman nahi dugun zaintza eredua sortzea oztopatzen du; mugimendu feministarekin bat egiten dugu bizitzak erdigunean jartzearen garrantzian».
|
2023-10-26
|
https://www.berria.eus/albisteak/234430/ertzaintzak-barne-ikerketa-bat-ireki-du-bortxa-matxista-pairatzen-zuen-andrearen-babesean-okerrik-izan-den-ikertzeko.htm
|
Gizartea
|
Ertzaintzak barne ikerketa bat ireki du bortxa matxista pairatzen zuen andrearen babesean okerrik izan den ikertzeko
|
Emakume gazte bat da falta da, bere ume txikiarekin, Gipuzkoako Diputazioak indarkeria matxista pairatzen duten andreei harrera egiteko duen zentro batetik.
|
Ertzaintzak barne ikerketa bat ireki du bortxa matxista pairatzen zuen andrearen babesean okerrik izan den ikertzeko. Emakume gazte bat da falta da, bere ume txikiarekin, Gipuzkoako Diputazioak indarkeria matxista pairatzen duten andreei harrera egiteko duen zentro batetik.
|
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak baieztatu du barne ikerketa bat hasi dutela jakiteko okerrik izan zen indarkeria matxista pairatu duen andrearen eta haren haurraren babesean. Gipuzkoako Diputazioak indarkeria matxista pairatzen duten andreei harrera egiteko daukan zentro batetik irten zen andrea haurrarekin, larunbatean. Irten behar zuen aldiro ertzainei jakinarazi behar izaten zien, babes neurri hori ipinia baitzion auzitegiak. Gipuzkoako Diputazioko zentroak baieztatu du larunbatean abisu eman zietela ertzainei, baina hortik aurrerakoak argitzeko daude.
Erkorekak baieztatu du badakitela auto batean sartu eta Ipar Euskal Herrirantz jo zutela. Ez dakite non diren, eta bilatze agindua zabaldua dago.
|
2023-10-26
|
https://www.berria.eus/albisteak/234431/poliziaren-biktimen-balorazio-batzordeak-bertze-66-biktima-onartzea-proposatuko-du.htm
|
Politika
|
Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak bertze 66 biktima onartzea proposatuko du
|
Joxi Zabala biktima gisa aitortuko du, eta Joxean Lasa aitortzea ez dute baztertzen, baina haren senideek txostena epez kanpo aurkeztu zutela erran du batzordeak
|
Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak bertze 66 biktima onartzea proposatuko du. Joxi Zabala biktima gisa aitortuko du, eta Joxean Lasa aitortzea ez dute baztertzen, baina haren senideek txostena epez kanpo aurkeztu zutela erran du batzordeak
|
Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak bertze 66 biktimaren aitorpena proposatuko du bere urteroko txostenean. Tartean Joxi Zabala dago. Joxean Lasa aitortzea ere ez dute baztertzen, haren sendiak ere txostena aurkeztu baitzuen. Dena den, Balorazio Batzordearen txostena datorren astelehenean aurkeztuko dute, hilaren 30ean, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideetako, Berdintasuneko eta Justiziako Batzordean.
Dokumentuak dio Zabalak «bahiketa, behartutako desagerpen, tortura eta hilketa pasarte izugarria» pairatu zituela, «GALek» egina. Baina Lasaren kasuari buruz ezer ez dela aipatzen, haren familiak txostena ez zuelako epearen barnean aurkeztu. Hala ere, epeak berriz ere ireki behar direla dio dokumentuak, arrazoi horrengatik aitortzarik gabe gelditu direlako hainbat kasu.
Txostenak aipatzen dituen 66 pertsona horiek giza eskubideen urraketa larrien biktima gisa aitortuko dituzte, motibazio politikoko testuinguru batean, 1979 eta 1999 bitartean. Horietatik zazpi tiroz hil zituen poliziak edo eskuin muturreko talderen batek. Bertze bat bortxatu zuten, eta jarraian hiltzeraino kolpatu zuten. Zabala, berriz, «erail zuten, bahitu eta torturatu ondoren». Dokumentuan zehazten dutenez, gainera, bertze 49 pertsona torturatu egin zituzten polizia etxeetan, lau tiroz zauritu zuten, eta bertze bat gomazko pilotekin. Bertze hiru pertsonak zauri larriak zituzten kolpeen ondorioz.
Balorazio Batzordeak adierazi du 2022ko uztailetik 2023ko ekainera bitarte 131 espediente ebatzi direla: 66 biktima gisa aitortu dituzte, 64 ez dira onartu epez kanpo aurkeztu direlako, eta batek atzera egin du.
Poliziari eta arrazoi politikoei lotutako indarkeria eta tortura kasuak baloratzeko legebiltzarreko batzordeak Arabari, Bizkaiari eta Gipuzkoari dagokien lehen txostena plazaratu zuen 2021ean. Agiri horrek 35 biktimaren berri eman zuen, eta haiei aitortza egin zitzaien Bilboko Euskalduna jauregian.
Informazio eske
Biktimei emandako kalte ordain totala 1.614.007 euro ingurukoa da. Balorazio Batzordeak jakinarazi du, gainera, aitortzak egiteko justizia arloko hainbat erakunderi, poliziari eta osasun arloko profesionalei informazioa eskatu diela. «Eskatutako informazio guztia ez dugu lortu; batzuetan, pasatu den denbora guztiarengatik, eta, bertzeetan, egindako eskariaren argitasun faltagatik».
Gogoratu du, gainera, dokumentazio zehatza lortzeko «arintasunik» ez badago, batzordearen lana «oztopatu» daitekeela. Hortaz, eragile guztiek kolabora dezatela eskatu du.
|
2023-10-26
|
https://www.berria.eus/albisteak/234432/20-urteko-zigorra-ezarri-diote-gizon-bati-bikotekideari-irainak-eta-sexu-erasoak-egin-eta-tratu-txar-psikologikoa-ematea-egotzita.htm
|
Gizartea
|
20 urteko zigorra ezarri diote gizon bati, bikotekideari irainak eta sexu erasoak egin eta tratu txar psikologikoa ematea egotzita
|
20 urteko zigorra ezarri diote gizon bati, bikotekideari irainak eta sexu erasoak egin eta tratu txar psikologikoa ematea egotzita.
|
Arabako Auzitegiak hogei urte eta bost hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio gizon bati, emakumezko bikotekidea iraintzea, jotzea, hari tratu txar psikologikoa ematea eta sexu erasoak egitea egotzita. Are, kartzela zigorra bete ostean, zaintzapean aske egon beharko du bost urtean.
Epaileak bereziki kontuan izan du 2021eko irailean izan zen eraso bat, baina frogatutzat eman du hamabi urteko harremanean sistematikoa izan zela indarkeria fisikoa eta psikologikoa. Bi alaben aurrean ere egin zion eraso emakumeari.
Kartzela zigorraz gain, akusatuak 30.000 euroko kalte ordaina eman beharko dio emakumeari, eragindako kalte moralengatik eta lesioengatik. Eta 1.974 euro ordaindu beharko dizkio gastu medikoengatik.
|
|
2023-10-26
|
https://www.berria.eus/albisteak/234433/inpunitateari-erantzun-bat.htm
|
Politika
|
Inpunitateari erantzun bat
|
Aranzadiko ikerlari Javier Bucesek liburu batean jaso ditu Jose Miguel Anduezaren, Roberto Perezen eta Antonio Goñiren hilketen nondik norakoak. Hirurak ere polizia frankistaren biktima izan ziren 1970ean.
|
Inpunitateari erantzun bat. Aranzadiko ikerlari Javier Bucesek liburu batean jaso ditu Jose Miguel Anduezaren, Roberto Perezen eta Antonio Goñiren hilketen nondik norakoak. Hirurak ere polizia frankistaren biktima izan ziren 1970ean.
|
Hiltzeko modu asko daude, eta modu ezberdinetan hil ziren Jose Miguel Andueza Elizalde, Roberto Perez Jauregi eta Antonio Goñi Igoa 1970ean. Hiru heriotzek, baina, badute lotura bat, Aranzadiko ikerlari Javier Bucesen esanetan: «Poliziaren ekintzen inpunitateak batzen ditu». Hark hiru euskal herritar horien heriotzak aztertu, ikertu eta liburu batean jaso ditu: 1970. Modos de matar y morir. Víctimas mortales del Franquismo en Gipuzkoa (1970. Erahiltzeko eta hiltzeko moduak. Frankismoaren biktimak Gipuzkoan).
1968. Gipuzkoa en estado de excepción (1968. Gipuzkoa salbuespen egoeran) eta Erandio, 1969. Sendatu gabeko zauria izan ziren bildumako lehen bi liburuak. Eta hirugarrenean ere, Frankismoko azken urteetako giza eskubideen urraketei heldu die Bucesek, «bigarren eta hirugarren mailako biktimak» protagonistatzat hartuta. Izan ere, ikerlariaren esanetan, urte haietan gertatutako «ezkutatzeko» asmo bat egon da, «herritarren aurkako errepresioaren» gorakada ez jorratzekoa. Eta hor kokatu ditu Anduezaren, Perezen eta Goñiren hilketak ere. Hirurak ere erakunde armatuekin zerikusirik gabeak, hirurak polizia frankistaren biktima.
Jose Miguel Andueza ekainaren 15ean hil zuen Guardia Zibilak, Donostian. Auto istripu bat izan ostean, guardia zibilak bertaratu zirela azaldu du Bucesek: «Dakigun hurrena da bi tiroz hil zutela». Bertsio ofizialaren arabera, hark labana bat atera zuten, eta poliziek bularrean tiro eginda erantzun. Halere, historialariak azaldu du ez dutela gertaeraren inguruko dokumenturik topatu. «Edo ez digute eskuratzen utzi».
Roberto Perez Jauregi, berriz, Burgosko prozesuaren aurkako manifestazio batean hil zuten Eibarren (Gipuzkoa), uztailaren 8an. Kasu hura «ongi dokumentatua» dagoela azaldu du Bucesek, eta tiro egin zion poliziaren izena ere badutela. «Halere, ez zuen inolako bide judizialik izan. Borreroa zigorgabe atera zen».
Bi horiek biktimatzat aitortu ditu jada Eusko Jaurlaritzak. Ez, ordea, Antonio Goñi. Burgosko prozesuaren harira ezarritako salbuespen egoera indarrean zela, Donostiako Parte Zaharrean atxilotu zuten. Torturatu eta espetxeratu egin zuten. Atera ostean, baina, bere buruaz beste egin zuen, abenduaren 21ean. «Ni txakur hauek hil naute», utzi zion idatzita bere emazteari.
Nola kontatu
Lanak EHUren babesa izan du, eta unibertsitate hartako Zuzenbideko irakasle Eneko Etxeberriak haren garrantzia nabarmendu du: «Gustatuko litzaiguke ikerketa hauen beharrik ez izatea, epaileek egitea justizia, baina badakigu herri honetan batzuentzat ez dela posible». Hala, Bucesek idatzitako liburuak «arrastoa eta injustizia baten lekukotza» uzteko balioko duela azaldu du, biktimen senideek «urtetan sufritu duten samina» arintzeko: «Berandu da, baina balio dezala justizia pixka bat egiteko».
Gertatutakoa kontatzeko ere modu ugari daude, eta Bucesek Aranzadiren ekiteko modua nabarmendu du horien artean. Ikerlariak azaldu du artxiboetan miaketan aritzea dela historialarien egitekoetako bat: «Artxibo historiko, zibil eta militarretan bilatu, eta informazioa kontrastatu: gerra kontseiluak, polizia txostenak, heriotza aktak...». Lana, baina, ezin da hor amaitu: «Ez da nahikoa». Ez, behintzat, «ahaztuen» historiaren gainean lan egiten denean, eta hala ziren Andueza, Perez eta Goñi.
Horregatik, informazioa testuinguruan jartzearen eta biktimen ingurukoekin kontrastatzearen garrantzia nabarmendu du historialariak, gertatutakoa senideek etxean dituzten paperekin eta argazkiekin zein testigantzekin josteko: «Historia lanetik atera eta emaitzak humanizatu nahi baditugu, senideen testigantzak oso garrantzitsuak dira». Halere, ikerlariak azaldu du horrek lehenbailehen lan egitea eskatzen duela, halako kasuak aztertzeko orduan denborak «azkar» egiten duelako aurrera, testigantzak jasotzea gero eta zailago eginez.
Lan egiteko era hori eskertu diete biktimen senideek Bucesi eta Aranzadiri. «Gu, senideak, artatzeaz arduratu da, gu honen parte izateaz», azaldu du Bucesi buruz Jorge Perezek, Roberto Perezen anaiak, eta gehitu lanak «jasandako injustizia eta inpunitatea» azaleratzeko balio duela. Hala adierazi du Lourdes Salsamendik ere, Antonio Goñiren ilobak, eta senideen artean bazekitena plazaratzea babestu du: «Nire familiak bazekien Antoniok bere buruaz beste egin zuela ezin izan zuelako eraman pasarazi zioten guztiaren zama».
Etxarri Aranatzeko (Nafarroa) alkate Maria Saez de Albenizek eta Berako (Nafarroa) Aitor Elexpuruk, berriz, memoria lantzeko eta «ahantzien oroimenaren» alde lan egiteko asmoa azaldu dute, «egia, justizia eta erreparazioa aldarrikatu» eta «bizikidetzan aurrerapausoak emateko». Udalerri horietakoak ziren, hurrenez hurren, Antonio Goñi eta Jose Miguel Andueza.
|
2023-10-26
|
https://www.berria.eus/albisteak/234434/glavistako-langileek-irtenbide-bat-eskatu-diote-guardiani-beste-behin.htm
|
Ekonomia
|
Glavistako langileek irtenbide bat eskatu diote Guardiani beste behin
|
Beharginek protesta egin dute Laudioko lantegiaren aurrean. Datorrean astean Eusko Jaurlaritzarekin bilduko dira.
|
Glavistako langileek irtenbide bat eskatu diote Guardiani beste behin. Beharginek protesta egin dute Laudioko lantegiaren aurrean. Datorrean astean Eusko Jaurlaritzarekin bilduko dira.
|
Atzerako kontaketa behin-behinean etenda badago ere, Autoglas-Glavistako langileek ez dute epaile batek zer erabaki zain egon nahi. Elkarretaratzeak eta mobilizazioak egiten jarraitzen dute, beren lanpostuen defentsan. Bada, Guardian enpresaren atarira eraman dute protesta gaur beharginek, beste behin ere, Laudioko (Araba) multinazionalari jarreraz alda dezala eta auziari irtenbide bat eman diezaiola eskatzeko. Langileek hura jotzen baitute haien egoeraren erantzule.
240 langileren etorkizuna dago jokoan. Horiek kaleratzeko espedientea hilaren hasieran aurkeztu zuen Autoglas-Glavistako zuzendaritzak, baina Gasteizko epaile batek etetea erabaki zuen aurreko astean, sindikatuen eskariak aintzat hartu ostean.
ELA sindikatuak hala eskatuta, epaileak informazio osagarria eskatu du enplegua erregulatzeko espedientea argitu ahal izateko. Besteak beste, enpresaren salerosketa zein baldintzatan egin zen argitzeko dokumentuak eskatu ditu. Horrez gain, kontsulta aldiak iraun artean, prozesuaren parte izateko agindu die epaileak Parter Capital inbertsio funtsari eta Guardiani. Laudioko ordezkaritzak ez ezik, Espainiako eta Europako adarren arduradunek ere egon beharko dute.
Langileek eta haien ordezkariek pozik hartu dute erabakia, uste dutelako auzia argitzen lagundu dezakeela. Argi dute, dena den, Guardinek duela konponbidearen giltza, harenak direlako enpresaren lurrak. Hala gogorarazi diote multinazionalari gaur. Langileak enpresara sartu dira eguerdian, eta Guardian errudun. Glavista ez itxi zioten afixak jarri zituzten atari nagusian. Lurrak desjabetzeko aldarriak ere egin zituzten une horretan.
Jaurlaritzaren bilkura
Hori bera egitea proposatu du Elkarrekin Arabak, hain zuzen ere. Arabako Batzar Nagusietan mozio bat aurkeztu du taldeak, eta Glavistaren auzia konpontzeko hainbat neurri jaso ditu bertan. Arabako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritza da horietako bat, baina emaitzarik emango ez balu lurren jabetza Guardini kentzea proposatu du.
Ostiralean bilduko dira langileak batzar nagusietako taldeekin. Aurrez, ostegunean, Eusko Jaurlaritzako Industria sailarekin elkartuko dira Bilbon. Bilkurak iraun bitartean, elkarretaratzea egingo dute langileek.
|
2023-10-26
|
https://www.berria.eus/albisteak/234435/ainhoa-barbarini-hirugarren-gradua-ematearen-kontra-ebatzi-du-auzitegi-nazionalak.htm
|
Politika
|
Ainhoa Barbarini hirugarren gradua ematearen kontra ebatzi du Auzitegi Nazionalak
|
Gradu progresioa eteten dioten bigarren aldia da. Mikel San Argimiro presoari baldintzapeko askatasuna onartu diote.
|
Ainhoa Barbarini hirugarren gradua ematearen kontra ebatzi du Auzitegi Nazionalak. Gradu progresioa eteten dioten bigarren aldia da. Mikel San Argimiro presoari baldintzapeko askatasuna onartu diote.
|
Sare plataformak jakinarazi duenez, Ainhoa Barbarin euskal presoaren hirugarren graduaren kontra ebatzi du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Sarek «atsekabea eta haserrea» adierazi ditu, eta salatu du Eusko Jaurlaritzaren eta Martuteneko espetxeko (Gipuzkoa) tratamendu batzordearen erabakiaren kontrakoa dela epaia: «Presoak garatu beharreko espetxe ibilbidea eta etxerako bidea oztopatzen ditu».
Barbarinek 21 urte daramatza preso, eta beteak ditu zigorraren hiru laurdenak. Halere, Sarek salatu du Barbarini bigarren aldiz eten diotela «birgizarteratzeko fasean aurrera egiteko aukera». Izan ere, ez da auzitegiak presoaren hirugarren gradua eteten duen lehen aldia. Otsailean ere gradu progresioaren aurka ebatzi zuen. Gerora, berriz onartu zioten, baina fiskalaren helegitea tarteko, behin-behinean etenda egon da abuztutik hona.
Sareren esanetan, «euskal gizartearen parte handi batek» salbuespen politikak amaitzeko eta «presoak etxeratzeko bidean» aurrera egiteko eskatzen dute, eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak eta epaileek ere entzun beharko lukete aldarri hori: «Lege arruntak ez du inolaz ere esaten presoek zigorrak espetxe harresien barruan bete behar dituztenik azken egunera arte».
Halako erabakien harira, «elkarbizitzari ateak irekitzen» jarraituko dutela azaldu du Sarek, salbuespen politikaren kontra indar egiteko: «Herritarrei dei egiten diegu, haiek ere giltzak eskuetan har ditzaten iragana betikotu nahi duten ateak itxi eta etorkizuneko ateak irekitzen jarrai dezagun».
San Argimiro, baldintzapean aske
Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, Mikel San Argimiro euskal presoa baldintzapean aske geratu da. Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak ebatzi du preso donostiarra askatzearen alde. Hark 22 urte eta erdi egin ditu kartzelan.
San Argimiro 2002an atxilotu zuten, ETAkoa zelakoan, eta 25 urteko espetxe zigorra ezarri zioten. Espainia hegoaldean preso egon ostean, Espainiako Espetxe Erakundeek 2020ko uztailean jakinarazi zuten Soriara lekualdatuko zutela, bigarren graduan; 2021eko martxoan, berriz, Euskal Herriratzearen berri eman zuten. Ordurako, beteak zituen zigorraren hiru laurdenak. Iaz eman zioten hirugarren gradua lehen aldiz, baina Auzitegi Nazionalak atzera bota zuen.
|
2023-10-26
|
https://www.berria.eus/albisteak/234436/prefetak-erran-du-laquohaurren-interesaraquo-dela-lehentasuna-beskoitzeko-ikastolaren-auzian.htm
|
Gizartea
|
Prefetak erran du «haurren interesa» dela lehentasuna Beskoitzeko ikastolaren auzian
|
Agerraldia egin du, Baionan, Julien Charles Pirinio Atlantikoetako prefetak hainbat gai jorratzeko. Alokairuen prezioa mugatzen udazkenean hasi nahiko luke Ipar Euskal Herrian. Palestinaren aldeko protestak debekatu izana justifikatu du, zehaztu gabe asteburukoa baimenduko duen.
|
Prefetak erran du «haurren interesa» dela lehentasuna Beskoitzeko ikastolaren auzian. Agerraldia egin du, Baionan, Julien Charles Pirinio Atlantikoetako prefetak hainbat gai jorratzeko. Alokairuen prezioa mugatzen udazkenean hasi nahiko luke Ipar Euskal Herrian. Palestinaren aldeko protestak debekatu izana justifikatu du, zehaztu gabe asteburukoa baimenduko duen.
|
Julien Charles Pirinio Atlantikoetako prefetak berretsi du bitartekaritza lana egiten saiatuko direla Seaska eta Beskoitzeko (Lapurdi) Herriko Etxearen artean. Seaskak salatu du herriko etxeak uko egin diola ikastolarentzat eraikin bat egiteko elkarrizketa orori, eta baldintza «arbitrarioak» ezartzen dizkietela. Manifestazio nazionalera deitu dute azaroaren 18rako Lapurdiko herri hartan, eta euskaltzale guziak deitu dituzte bertaratzera. Joan den astean, prefetarekin mintzatu ziren ikastolako gurasoak, eta «elkarrizketari bide emateko» prest agertu zen Frantziako Estatuko ordezkaria. Hala ere, azpimarratu zuen ezin dela herriko etxearen gainetik pasatu, hari dagokiolako eraikuntza baimenak onartzea.
«Gurasoekin mintzatu ginen, eta herriko etxearengana hurbildu gara haien ikuspegia izateko. Berriz gurasoengana joko dugu argudioak trukatzeko, eta nik nahi dudana da elkarrizketa berriz abiatu ahal izatea», esplikatu du. «Halako egoerak ez dira pozoitu behar; erranen nuke ez duela balio, eta haurren interesak du lehentasuna: inportantea da. Nik nahi dudana da, eta hala erran diet batzuei eta besteei, elkarrizketari berrekitea egoera honi konponbidea emateko».
Kazetariekin bildu da prefeta, eta aktualitateko gai bat baino gehiago izan ditu hizpide. Hala, jakinarazi du heldu den urteko udazkenean abiatu nahiko lukeela alokairuen mugatzea Ipar Euskal Herrian. Atzo publikatu zuten neurria ezartzeko dekretua Frantziako Agerkari Ofizialean: tentsio handiko eremuan diren Lapurdiko 24 herritan aplikatuko da. Legeak eskatzen du Alokairuen Behatokiak egindako behaketatik abiatzeko neurria finkatzeko tenorean; 2022. urtearen bukaeratik dago Ipar Euskal Herrian. «Azken bi urteak izanen dira erreferentziazko urteak, eta, ikertu denaren arabera, herriz herri, hautetsiekin eta Euskal Elkargoarekin harremanean, erreferentziazko heinak finkatuko ditugu, sinpleki», adierazi du. «Araubide horren laguntza izatea ahalbidetuko du, lurraldearen zati batzuetan ikusi izan ditugun gehiegikeriak saihesteko».
Alokairuen mugatzea arautzen duen legeak 2026 arteko esperimentazio bat aipatzen du, berez. Hala ere, heldu den udaberrirako Frantziako Gobernua etxebizitza arloko lege proiektu bat lantzen ari dela erran du prefetak, eta iradoki du posible dela dispositibo hori iraunkor bilakatzea. Horrez gain, aurreratu du tokiko elkargoei eskumen gehiago ematea aztertuko dela lege horretan. Euskal Hirigune Elkargoak eskaera egina du etxebizitza gaietan gidaritza izateko
Palestinarekiko elkartasuna
Azken asteetan Palestinako herriarekiko elkartasunez antolatzen ari diren mobilizazioak ere izan ditu hizpide. Joan den astean Baionako herriko etxean antolatua zen protesta zergatik debekatu zuten galdetuta, zehaztu du debekuak emateko irizpidea «ordena publikoa trabatzeko arriskua» dela, eta horretarako dituzten «seinaleak» erabiltzen dituztela egoera aztertzeko; besteak beste, informazio zerbitzuek emanak. «Mezu arrazistak eta antisemitak» zabaltzeko arriskua aipatu du.
Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak deitutako protestan arrisku hori zein seinalek eman zien galdetuta, erantzun du ez dela «biziki ongi oroitzen». Gaur arratsean suprefetura aitzinean deitua den protesta baimenduko dute; asteburukoarentzat, «ikusiko». Joan den astean Frantziako Estatu Kontseiluak bertan behera utzi zuen Barne Ministerioak Palestinaren aldeko manifestazioei ezarritako debeku sistematikoa, eta prefeten esku utzi zuen erabakia. Zehaztu zuen Palestinarekiko elkartasuna ez zela nahikoa motibo debekurako.
Azkenik, prefetak baieztatu du heldu den astelehenean irekiko dituztela azken urteetan itxirik atxiki dituzten mugetako pasabideak.
|
2023-10-27
|
https://www.berria.eus/albisteak/234437/ibarra-epaile-ohiak-dio-laquosufrimenduaren-sozializazioaren-oihartzunakraquo-direla-epai-euskarafoboei-eginiko-kritikak.htm
|
Gizartea
|
Ibarra epaile ohiak dio «sufrimenduaren sozializazioaren oihartzunak» direla epai euskarafoboei eginiko kritikak
|
«Botere judizialaren deslegitimazio sozialerako ENAMek bultzaturiko beste kanpaina bizi batzuen» kutsua hartzen diela esan du Juan Luis Ibarra EAEko Auzitegi Nagusiko presidente ohiak, Buesa fundazioak antolaturiko jardunaldi batzuetan
|
Ibarra epaile ohiak dio «sufrimenduaren sozializazioaren oihartzunak» direla epai euskarafoboei eginiko kritikak. «Botere judizialaren deslegitimazio sozialerako ENAMek bultzaturiko beste kanpaina bizi batzuen» kutsua hartzen diela esan du Juan Luis Ibarra EAEko Auzitegi Nagusiko presidente ohiak, Buesa fundazioak antolaturiko jardunaldi batzuetan
|
Juan Luis Ibarra Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko presidente ohiak gogor egin du euskaldunen hizkuntza eskubideak murrizteko azken epaiak kritikatu dituztenen aurka, eta «ENAMek [Euskal Nazio Askapenerako Mugimendua] epaileei zilegitasuna kentzeko eginiko kanpainekin» parekatu ditu.
Ibarra EAEko Auzitegi Nagusiko burua izan zen 2010. urtetik 2020an erretiroa hartu arte, eta Buesa fundazioak eginiko jardunaldi batzuetan mintzatu da.
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Bingen Zupiria eleduna hartu ditu gogoan, besteak beste.
Euskal Autonomia Erkidegoko Udal Legea euskararen alorrean garatzen duen dekretuaren hainbat artikulu bertan behera utzi ditu berriki EAEko Auzitegi Nagusiak, Vox alderdi ultraeskuindarrak salatu ostean. Horri erantzunez, Urkulluk adierazi zuen «sentsibilitate handia» falta dela horrelako gaiak judizialki lantzeko, eta hizkuntza eskubideak errespetatzeko eskatu zuen. Bingen Zupiria Jaurlaritzaren bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak esan zuen «kezkagarriak» direla euskararen ofizialtasuna «zalantzan» jartzen ari diren epaiak eta jarrera politikoak.
Kritika horiek «ENAMek [epaileei] zilegitasuna kentzeko eginiko kanpainen oihartzuna» dutela esan du Ibarrak, eta nabarmendu du «sufrimendua sozializatzeko estrategiaren barruan» egin zirela kanpaina haiek.
Era berean, Kontseiluak deituriko protestak deitoratu ditu. Uztailaren 13an hainbat herritako alkateek Auzitegi Nagusiak Bilbon duen egoitzan egindako protesta bilkura aipatu du. «Euskara eta euskal hiztunak mespretxatzen ditu epai honek», salatu zuten, aginte makilak eskuetan, Kontseiluak deituta. Orduan, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak udal legearen aurka emaniko ebazpena deitoratu zuten.
Ibarrak esan duenez, «indarkeria politikoaren kulturak» epaileen aurka zabalduriko diskurtsoaren «oihartzuna» entzun zuen protesta hartan.
Euskararen aurkako «oldarraldi judizialaren» kontrako manifestazioa egingo da azaroaren 4an, Bilbon. Euskalgintzaren Kontseiluak antolatu du protesta, eta atxikimendu ugari jasotzen ari da. ELA, LAB, ESK, CGT/LKN, Steilas, Hiru, EHNE, Etxalde, Lanartea, Olatu Koop eta EHko Pentsiodunak eragileena, besteak beste.
|
2023-10-27
|
https://www.berria.eus/albisteak/234462/2024-hasieran-hazkundea-gelditzea-espero-du-nafarroako-gobernuak.htm
|
Ekonomia
|
2024 hasieran hazkundea gelditzea espero du Nafarroako Gobernuak
|
Ekonomia moteltzen ari den arren, aurten BPGa %1,7. handituko dela ziurtatu du Arastik, aurrez kalkulatu baino hiru hamarren gehiago
|
2024 hasieran hazkundea gelditzea espero du Nafarroako Gobernuak. Ekonomia moteltzen ari den arren, aurten BPGa %1,7. handituko dela ziurtatu du Arastik, aurrez kalkulatu baino hiru hamarren gehiago
|
Urratsez urrats, moteltzen ari da Nafarroako ekonomia ere. Urteko lehen bi hiruhilekoetan %0,3 hazi zen, baina hirugarrenean hamarren bat gutxiago hazi da, %0,2. Gelditu, ordea, datorren urtearen hasieran geratuko dela iragarri du Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilariak.
Gobernuaren aurreikuspen berriak betetzen badira, 2024ko lehen erdian hazkunde «ia-ia laua» izango du Nafarroako barne produktu gordinak, eta «modu progresiboan» itzuliko da hazkundea urteak aurrera egin ahala.
2024. urterako, %1,3ko hazkundea espero du orain Nafarroako Gobernuak. Aurtengoaren azpitik izango da, Arastik aurreratu baitu %1,7ra helduko dela. Iazko koadro makroekonomikoan aurreikusi (%1,4) baino gehiago da, eta bat egiten du hirugarren hiruhilekoan gertatutakoarekin.
Industria, pattal
Nastaten arabera, industriak eta merkatuko zerbitzuek «dinamismo txikiagoa» izan dute uztailetik irailera, eta horrek berekin ekarri du ekonomia osoaren moteltzea. Kontu ekonomikoen datu zehatzagoak abenduaren 22an argitaratuko ditu estatistika erakundeak, eta orduan ikusiko da zenbat egin duen atzera industriak. Bigarren hiruhilekoan %4,2 uzkurtu zen, sektore hori ari baita gehien nozitzen inflazio handia euroguneko ekonomiari eragiten ari zaion motelaldia.
Horrekin lotuta dago esportazioen erorikoa ere. Abuztu arte %3,5 gutxitu da esportazioen balioa, jaitsiera handia izan baitu autoen esportazioak (-%22,1).
Beste sektoreei dagokienez, Arastik onartu du turismoak bultzada bat eman diola udan zerbitzuen atalari, baina gaineratu du salmentak 2022koen azpitik daudela oro har.
Eskariaren aldetik, Nastatek nabarmendu du kontsumoak hazkunde erritmoari eusten diola, baina Arastik ohartarazi du maila apala emango duela hurrengo hiruhilekoetan, inflazioaren eta interes tasa handien ondorioz.
EAEn ere, %0,2
Nastaten datuek bat egiten dute Eustatek aurreko astean Araba, Bizkai eta Gipuzkoari buruz esandakoekin. Izan ere, hiru lurralde horietan ere %0,2 hazi zen BPGa hiruhileko arteko tasan. Urte arteko tasa, berriz, hamarren bat txikiagoa da (%1,6).
Hazkundea pixka bat handiagoa da Espainian: %0,3 hiruhileko arteko tasan, eta %1,8, berriz, urte artekoan.
|
2023-10-28
|
https://www.berria.eus/albisteak/234463/ereduak-eta-tresnak-umeentzat.htm
|
Gizartea
|
Ereduak eta tresnak umeentzat
|
Paula Kasares, Gemma Sangines eta Rosa Ramos adituak hizkuntza sozializazioaz aritu dira Topaguneak antolatutako ‘Haurren aurrean, helduok heldu’ egitasmoko jardunaldi batean.
|
Ereduak eta tresnak umeentzat. Paula Kasares, Gemma Sangines eta Rosa Ramos adituak hizkuntza sozializazioaz aritu dira Topaguneak antolatutako ‘Haurren aurrean, helduok heldu’ egitasmoko jardunaldi batean.
|
Igandean amaituko da Euskaltzaleen Topaguneak bigarrenez antolatu duen Haurren aurrean, helduok heldu izenburuko egitasmoa; helburu du helduen hizkuntza praktikak aldatzea eta euskararen erabilera sustatzea. Iruñean egin dute —urriaren 19an— egitasmoaren barruko lehen saioa: helduek umeen hizkuntza sozializatzeko prozesuan betetzen duten rola aztertu dute jardunaldi batean, haurrei eta gazteei tresnak emateko euskal hiztun erosoak izan daitezen.
Paula Kasares, Gemma Sangines eta Rosa Ramos adituek hartu dute hitza Kondestablearen jauregian egindako saioan. Hizkuntza sozializatzeko prozesuan helduak haur eta gazteen eredu direla nabarmendu dute hirurek, eta, ondorioz, helduei eragitea dela zeharka haurren hizkuntza ohituretan eragiteko modu bat; etxean edo eskolan ez ezik, haurrak helduekin partekatzen dituen gainerako espazioetan ere bai.
Testuinguruak duen garrantzia agerian utzi du Paula Kasares soziolinguistak (Iruñea, 1969). “Haurrak testuinguru jakin batean ikasten du euskara; ez da berdin Leitzan edo Burlatan; gurasoak euskaldunak diren etxe batean edo euskara entzuten ez den bertze batean. Hizkuntzaz jabetzea ez da kode linguistiko bat ikastea bakarrik; kode hori erabiltzeko jakintza soziala ere barneratzen du haurrak”
Testuinguru elebidun edo ele anitzetan, haurrek hizkuntzak balio, pertsona eta espazio jakin batzuekin lotzen dituztela erantsi du Kasaresek; hau da, garbi dutela norekin, non eta noiz egin behar duten hizkuntza batean edo bertzean. “Hizkuntzen arteko asimetria sozialaz ere jabetzen dira”.
Hori kontuan hartuta, Kasaresek garbi du hagitz garrantzitsua dela haurrek helduen hizkuntza portaerak ikustea eta ikastea, eta inportantea dela”aktibazio soziala”. Agerian utzi du, gainera, “euskararen alde aktiboki jokatzeak sortarazten dituen emozioak kudeatzeko beharra”.
“Haurrak euskaraz aditzeko eta aritzeko aukera nahikoak eta askotarikoak behar ditu eroso jarduteko”, nabarmendu du Kasaresek. Azaldu du hizkuntzaren transmisioa ez dela bakarrik goitik behera gertatzen, ez dela etxera mugatzen, eta ez dela bakarrik familian gertatzen. “Haurrak zuzenean egiten zaizkion komunikazioen bidez eta bere inguruan helduek euren artean egiten dituztenen bidez ikasten du hizkuntza eta haren arau soziala”.
Gemma Sangines psikologoa da (Bilbo, 1970), eta psikologiatik heldu die hizkuntza sozializazioaren ingurukoei, hain zuzen. “Asertibo” izateko beharra jarri du erdigunean. Hori lortzeko bidean, aurreiritziak eta ohiturak aipatu ditu Sanginesek “barneko muga” gisa. Psikologoak erran du pertsona jakin batzuekin erdaraz egiteko ohitura izan dezakeela norbaitek. “Automatismoa da ohituren arazo nagusia”, azaldu du. Joera automatiko horri aurre egiteko, aurreiritziak eta ohiturak zalantzan jartzeko ariketa egin behar dela erantsi du.
Barneko mugei ihes egiteko, hain zuzen, hiztun asertiboa izatea da irtenbidea, Sanginesen hitzetan: “Hiztun asertiboa da bere hizkuntza eskubideak ezagutzen dituena eta bere hizkuntza erabiltzen duena; hori eginen du besteak errespetatuz eta eroso sentituz”.
Harremanak eraikitzeko
Kasaresen hitzekin bat egin du Sanginesek, eta garbi du helduek eredugarri izan behar dutela haur eta gazteentzat. Bertze balio bat erantsi du psikologoak, eta nabarmendu du “garrantzi handikoa” dela: “Koherentzia”. Euskaraldia jarri du adibide, koherentziaren garrantzia azaltzeko. “Aho bizi txapa jartzen baduzu, hartzen duzun konpromisoa bete behar duzu; bestela, hobe da ez jartzea”.
Rosa Ramos soziolinguistak (Iruñea, 1966), berriz, harremanen esparruarekin lotu du bere hitzaldia. Garbi du gazteen artean gaitasunik eza eta erabilera “arazo” direla, egun, eta konponbidea eman behar zaiola: “Kontua da inertziaz jokatzen dugula, eta garaia dela gauza ezberdinak egiteko, konponbide horren bila”, adierazi du.
Ramosek nabarmendu du komunikazioaren funtsezko funtzioa dela harremanak eraikitzea eta ehuntzea. “Batzuetan, haurrei euskaraz egiteko eskatzen diegunean, eskatzen diegu harremanak eraiki ditzatela nahiko tresna kamuts batekin; erosotasunari eta eraginkortasunari uko egiteko eskatzen diegu”.
“Haur eta gazteen ahozko gaitasuna erdigunean jarri behar dugu; hezkuntzako ibilbide osoan landu behar da”, erran du Ramosek, eta garbi du gazteek tresnak ere behar dituztela euskara erabiltzen dutenean senti dezaketen ezerosotasuna kudeatzeko. “Gune seguruak behar ditugu erabiltzeko eta ikasteko”, berretsi du.
|
2023-10-28
|
https://www.berria.eus/albisteak/234464/turismoa-behar-dugu-baina-modu-koordinatuan.htm
|
Gizartea
|
«Turismoa behar dugu, baina modu koordinatuan»
|
Lehendik ere turismoaren fokuan dago Oñati, Arantzazuko santutegiagatik, besteak beste, eta Europak herri turistikorik onenaren saria eman dio orain. «Turismo jasangarria» nahi du Izaro Elorzak.
|
«Turismoa behar dugu, baina modu koordinatuan». Lehendik ere turismoaren fokuan dago Oñati, Arantzazuko santutegiagatik, besteak beste, eta Europak herri turistikorik onenaren saria eman dio orain. «Turismo jasangarria» nahi du Izaro Elorzak.
|
Europako herri turistikorik onena. Izendapen hori jaso berri du Oñatik, beste 53 herrirekin batera. “Ezustean” jaso du saria Izaro Elorza Oñatiko alkateak (Oñati, 1983), eta “elkarbizitza eta oreka” lehenetsi ditu.
Turismoaren Mundu Erakundeak banatzen duen 2023ko herri turistiko onenaren saria jaso du Oñatik. Nola jaso duzue saria?
Nahikoa ezustean, egia esan. 260 herri zeuden hautagaien artean, eta 54 saritu dituzte; tartean, Oñati. Gure turismo eredua hartu dute aintzat, eta baita gure baliabide eta aukerekin jasangarritasunari eta iraunkortasunari nola erantzuten diogun ere.
Turismo eredu “arduratsu, jasangarri eta irisgarria” defendatu izan duzue beti. Zein dira eredu horren ezaugarri nagusiak?
Elkarbizitza edo oreka bat behar da beti bisitarien eta herriko bizitzaren artean; horretaz ari gara jasangarritasunaz ari garenean. Herrigune historiko bat daukagu Oñatin, kultur ondare artistikodun eraikinekin; ingurumen aldetik, landa gune oso zabala daukagu, aisialdirako, ingurumenaz gozatzeko eta kirola egiteko; gastronomia ere badaukagu… Fokua ez dugu jarri nahi turismo baliabide bakarrean, masifikatzeko arriskua baitago bestela.
Turismoa eta herriko bizitza. Bi punta horiek sar daitezke, beraz, zaku berean?
Sartu egin behar dira zaku berean; hori litzateke ideala. Orekatua, jasangarria eta, neurri batean, mugatua bada, onura dakar turismoak. Hori nahi dugu guk, baina zaindu egin behar dira eragin negatiboak, bitartekoak jarrita. Hala ere, ezberdina da jende oldea egun jakin batean izatea edo egunero izatea.
Oñatik badu oso turistikoa bihurtu den gune bat: Arantzazuko santutegia. Neurriz kanpoko turista oldea edukitzeko arriskua dauka? Eta, hala balitz, zein neurri har litezke?
Garai ezberdinak izan ditugu, eta COVID garaian, adibidez, barneko turismoa zabaldu zenean, egon ziren betekada batzuk. Horrek erakutsi zigun esku hartze batzuk beharko ditugula etorkizunean. Guk ez dugu nahi masifikaziorik, eta kontrolatu egin beharko dira aparkalekuak, gorako eta beherako joan-etorriak… Aske maite ditugun gune naturalak horrelaxe mantentzen saiatu behar dugu. Baina, tokiko turismo ereduaren gainetik, beste erakunde batzuk sartzen dira tartean batzuetan, euren estrategia edukitzen dute… Tarteka, ez da egon izan koordinaziorik erakunde horien eta tokiko interesen artean. Nahi ez ditugun mezuak zabaltzen dira halakoetan, eta arriskutsua da deskoordinazioa.
Aurten, Aste Santuan, %22 handitu da bisitari kopurua Oñatin. Kanadako eta Hego Koreako agentzia batzuek, esaterako, interesa dute euren eskaintzetan Oñati sartzeko, eta Kataluniako agentzia batzuei bisita gidatuak katalanez eskaintzen hasi zarete. Noraino hazi daiteke turismoa?
Turismoa behar dugu, baina modu koordinatuan. Agentzia batzuekin hizketan hasita gaude jada, eta sari honen eraginez beste sare batzuetan mugitzen hasten bagara, izan dadila modu kontrolatuan eta turismo bulegotik muga jarrita. Gune txiki, lasai eta jasangarria bilatzen duenak ez du nahi jendez betetako tokirik, xarma galtzen duelako, eta horregatik bultzatu behar dugu benetan denon gustukoa den turismoa. Elkarlana da bidea. Dena den, modu dibertsifikatuan eginez gero, turista gehiago hartzeko moduan gaudela uste dut.
Aurrez, Lekunberrik ere jaso du Europako sari hori. Aukerarik izan duzue hango arduradunekin hitz egiteko?
Nik neuk oraindik ez, baina hartuko dugu tarte bat, haien esperientziaren berri jakiteko eta sariak eraginik izan ote duen ikusteko. Nik uste dut eragin pixka bat izango duela, baina espero dezagun neurrigabea ez izatea.
Zein da Oñatira bisitan joaten diren turisten soslaia?
Denetik izaten dugu. Helduak edo adinekoak izaten dira asko, bisita gidatuan etortzen direnak. Asteburupasa edo naturarekin lotutako jarduerak egitera ere etortzen dira beste batzuk. Eta Arrikrutzeko kobazulora asko, familian; horiek, normalean, ez dira pasatzen herrigunetik.
Sariak sari eta oihartzunak oihartzun, turismoaren arloan zer bide egin nahiko luke Oñatik etorkizunean?
Turismoa nahi dugu, baina tamainakoa, orekatua, herriari onura ekarriko diona eta elkarbizitza bilatuko duena; batak ezin du bestea zapaldu. Turismoak ezin du baldintzatu herriko bizitza, eta bitarteko batzuk beharko ditugu: aparkalekuen kudeaketa, herribusa… Baliabide batzuk indartu eta hobetu beharko ditugu.
|
2023-10-29
|
https://www.berria.eus/albisteak/234465/etxea-proiektu-komuna.htm
|
Gizartea
|
Etxea, proiektu komuna
|
Etxebizitzaren arazoari irtenbidea emateko, hainbat lagunek kooperatiben alde egiten dute. Gordexolan eta Mendatan landa eremuko proiektu komunitarioak dituzte.
|
Etxea, proiektu komuna. Etxebizitzaren arazoari irtenbidea emateko, hainbat lagunek kooperatiben alde egiten dute. Gordexolan eta Mendatan landa eremuko proiektu komunitarioak dituzte.
|
Aspaldiko asmoa zuten Imanol Madariagak eta haren bikotekideak etxebizitza kooperatiba baten kide egin eta halako etxe batean bizitzea. «Duela hamar bat urte hasi ginen bilatzen, baina orduan gizartea ez zegoen prest: orubea eta finantzaketa lortzeko zailtasunak zeuden, orain legez, baina ohartu nintzen oso zaila zela horrek behar duen talde kohesionatua sortzea ere». Topatu dute: Gordexolako Ametxe kooperatibako kide dira. «Talde honek elkarrekin etxe bat erosteko ezinbestekoa den barne kohesioa du». Lau hektarea lursail dituen 1660ko jauregi bat erosi zuten, eta atontzen ari dira, datorren urtetik han bizi ahal izateko. Joan den barikuan, Bilbon kontatu zuen euren esperientzia, Perviurek eta EAEko Reasek etxebizitza kooperatibei buruz antolatutako jardunaldietan.
Madariagaren familia ez da hasieratik egon. Umeen zaintza ereduan eta gizarte eraldaketarako gogoan bat egiten zuten lau familiak bultzatu zuten. Sei familiarentzako lekua izango du jauregiak. Orain gutxiago dira, eta ez daude hasieran proiektua bultzatu zuten guztiak. Madariagak aitortu du zaila dela talde kohesioari eustea: «Tentsioak sortzen dira. Ez da bizilagunen ohiko komunitate bat, baina badakigu bilerak egiten eta modu onean hitz egiten. Prozesuak irakatsi digu hitz egiten eta elkar entzuten. Oraingoa momentu kritikoa da, obran gaudelako. Badakigu elkarrekin bizitzen hasten garenean kritikoagoa izango dela». Hala ere, itxaropentsu daude. «Geure borondatez osatutako familia bat gara; komunitarioa eta kolaboratiboa. Erronka ez da izan bizitzeko habia bat topatzea; elkarrekin partekatu, lagundu eta hazteko leku bat behar genuen».
Traba gehienak, kanpoan
Traba gehienak, ordea, kanpoan topatu dituzte. Auzokide batek ez du begi onez ikusi proiektua; Ametxekoen ustez, «beldurragatik». «Beldur» hori eta «susmo txar» horiek Gordexolako Udalari «kutsatu» dizkio, Madariagaren esanetan: «Baimenak lortzeko prozesua asko luzatu da. Joan-etorrian ibili gara etengabe. Ez da etxebizitza bakar bat. Ezohiko familia bat gara. Gure errealitateak ez du lekurik gaur egungo araudian. Ez dakit araudia aldatu beharko den, edo nahikoa izango den hura interpretatzeko modua aldatzearekin».
Zerga legediarentzat ere arrotzak dira halako ereduko proiektuak, Ederra Zabalaren esanetan. Mendatako Ankurkulu kooperatibako kide da. Bi hektareako baserri batean bizi dira sei lagun: bost heldu eta ume bat. Proiektukide Gorka Barkarekin batera, haien kooperatiba aurkeztu zuen Zabalak ere barikuko jardunaldietan. «Legedian, oro har, hutsune handia dago, eta gure eredua normalizatzeko beharra ikusten dugu», ohartarazi du Zabalak. Dagoeneko badute esperientzia apur bat, 2019tik bizi direlako Mendatako baserrian. Barkak zehaztu du euren helburua ez dela «soilik elkarrekin bizitzea»; izan ere, «subiranotasuna, autonomia, ekologia, zaintza ere badira helburuak».
Ankurkulukoen esanetan, etxearen egitura garrantzitsua da proiektuaren helburuak lortzeko. Eremu pribatuak eta publikoak ditu. «Ondo hausnartuta, erabaki genuen espazio pribatuak gelak izatea. Apartamentu txiki batzuk dira, hiru gelakoak. Bakoitzak nahi duen moduan antola ditzake, baina, oro har, bi logela eta egongela txiki bat ipini ditugu». Baserriaren solairu oso bat betetzen dute sukaldeak eta bizilagunak elkartzen diren egongela handiak.
Elkarbizitza politikoa
Etxeko lanak banatuta dauzkate. Zaintza lanei aparteko garrantzia ematen dietela jakinarazi du Zabalak, «mugimendu feministaren borrokagatik garrantzia hartuz joan diren neurrian». Esan duenez, helburuetako bat da babesten dituzten kontzeptu politikoak egunerokoan txertatzea, eta etxeko lanek horretarako aukera ematen diete. Esate baterako, txandaka prestatzen dute janaria, baita garbiketa lanak ere. «Etxeak bost komun ditu, bizilekuak beste. Bakoitzak nahi duena erabil dezake, baina praktikan, bakoitzak bere komuna erabiltzen du. Garbiketaren ardura duenak denen komunak garbitu behar ditu, eta, hala, kontzientzia hartzen dugu garbitzeak eta zikintzeak zer esan nahi duten».
Edozelan ere, proiektuaren lehen helburu politikoa etxebizitza eskubidea bermatzea dela adierazi du Zabalak. «Nolabait, etxebizitzaren eta espekulazioaren inguruan dagoen problematikari erantzuteko sortu zen Ankurkulu; etxebizitza eskubidea bermatu nahi genuen, neurrizko prezioetan», esan du Barkak. Kooperatibak 22.500na euroko ekarpena egin duten bazkideak ditu, eta kide laguntzaileak ere bai.
Gordexolan legez, Mendatan ere garrantzia ematen diote barne kohesioari. Dena asanbladan erabakitzen eta adosten dute. Astero biltzen dira. Hala ere, tarteka «emozioen» bilera egiten dute; besteak beste, elkarbizitzak sortutako talkak leuntzeko asmoz. Esan dute nahiko luketela bilera horiei denbora gehiago eskaini, baina aitortu dute «egunerokoak irensten» dituela.
Unkurkulun eta Ametxen, bietan, sartu-irtenak egon dira. Gordexolan, esaterako, Madariagak esan du proiektua definitu ahala batzuk aldendu egin direla. Balio batzuk zehaztu dituzte, besteak beste. Landa eremuan egonda, naturarekiko errespetua eta harremana ezinbestekoak dira. Gainera, erantzukizunez jokatzeko konpromisoa hartu dute, nekazaritzako lurra falta den inguru batean lau hektarea dituztelako. Ortua landatuko dute, adibidez, proiektua bideragarri egiteko mesedegarri izango dituztelako diru sarrera horiek. Baina, aldi berean, gizartearentzako onuragarria den proiektu bat ere bultzatu nahi dute.
|
2023-10-27
|
https://www.berria.eus/albisteak/234466/n-1aren-tunel-baten-sabaiaren-zati-bat-erori-da-ikaztegietan.htm
|
Gizartea
|
N-1aren tunel baten sabaiaren zati bat erori da, Ikaztegietan
|
Ehun asfaltikoaren zati bat erori da errepidera, Gasteizerako aldean. Ez inor zauritu. Errepidea itxi egin dute, eta sei kilometrorainoko ilarak izan dira.
|
N-1aren tunel baten sabaiaren zati bat erori da, Ikaztegietan. Ehun asfaltikoaren zati bat erori da errepidera, Gasteizerako aldean. Ez inor zauritu. Errepidea itxi egin dute, eta sei kilometrorainoko ilarak izan dira.
|
Gaur goizaldean N-1 errepideko tunel baten sabaiaren zati bat erori da, 428. kilometroan. Ikaztegietan (Gipuzkoa) izan da ezbeharra, Gasteizerako noranzkoan. Tunelaren sabaia estaltzen duen ehun asfaltikoaren zati bat erori da. 03:00etan gertatu da, eta ez da inor zauritu.
Abisua jaso eta berehala joan dira Gipuzkoako Aldundiko teknikariak egoera aztertzera, eta jada aurreikusi dute konponketa lanek luze joko zutela. Ondorioz, gutxienez asteburuan errepidea itxi egingo dute noranzko horretan, eta beste aldetik bideratuko dute trafikoa, ingurabide baten bitartez; noranzko bakoitzarentzat, beraz, errail bat egongo da. Leku horretan 7.500 kilotik gorako ibilgailuen trafikoa debekatu dute.
Ezbeharra izan denetik, itxita dago N-1 errepidea Gasteizerako noranzkoan. Horrek auto ilarak luzeak eragin ditu, sei kilometrorainokoak, Tolosaraino. Trafikoa errepide zaharretik bideratu dute, baina hori ez da nahikoa izan goizean errepide horretan izaten den trafikoa bideratzeko.
Tuneleko sabaia konpondu eta N-1 errepidea noranzko horretan ireki arte, aholkatu dute AP-8 eta AP-1 autobideak erabiltzea Donostia eta Gasteiz artean errepidez bidaiatzeko. N-1eko ingurabidea ez betetzeko, eskualdeko herritarrei gomendatu diete Ikaztegieta eta Legorreta arteko errepide zaharra erabiltzeko.
|
2023-10-29
|
https://www.berria.eus/albisteak/234467/kolpetik-behi-andana-bat-eri.htm
|
Ekonomia
|
Kolpetik, behi andana bat eri
|
Hego hemisferiotik jin izurrite hemorragikoak behi andana hunki ditu azken asteetan. Heriotza tasa apala izanik ere, ondorio ekonomiko handiak ukanen ditu.
|
Kolpetik, behi andana bat eri. Hego hemisferiotik jin izurrite hemorragikoak behi andana hunki ditu azken asteetan. Heriotza tasa apala izanik ere, ondorio ekonomiko handiak ukanen ditu.
|
Ezustean agertu eta hedatu da gaixotasun hemorragiko epizootikoa, izurrite hemorragikoa. Basa ihizeak eta behiak hunkitzen ditu bereziki, eltxoaren ziztadak kutsaturik. Lehen sintoma, behietan, maingudura da; gero, muturra kolorez aldatzen da, eta gertatzen ahal da mihia hain mingarria izatea ezen behiek ez baitute gehiago jaten eta edaten. Kasu pare bat baizik ez ziren irail erditsuan Ipar Euskal Herrian: Hazparnen eta Etxebarren. Egun, bostehundik goiti dira Pirinio Atlantikoen departamenduan; anitz, Iparraldean.
Hego hemisferioan ezaguna da eritasun hori, eta Espainiako Estatuan agertu zen lehen kasuekin, iazko udazkenean. Zientzialarien erranetan, klima aldaketari egotzi behar zaio eritasunaren presentzia iparralderago agertu izana. Eltxoek soilik garraiatzen dute birusa: kabalen artean ez da transmititzen, eta ez ditu gizakiak ere kutsatzen. Haragia kontsumitzeak ere ez du eraginik, baina behi hazleentzat arazo andana baten iturri bilakatua da.
Lekukotasun franko entzuten dira, eritasunak kutsatu behiak abantzu Ipar Euskal Herriko herri orotan agertu baitira irailaz geroztik. Frantziako Estatuak, hastapenean, mugak itxi zituen behi eta txahalen komertziorako. Orain berriz ireki ditu, baina soilik eritasun aztarnarik ez duten kabalentzat; besteak barrukietan atxiki behar dituzte laborariek, egoerak sortzen dituen zailtasun ekonomikoekin.
Iragarri gabeko izurritea
Marexalak izan dira, azken egun eta asteetan, izurritea gehien ikusi dutenak; behi hazleek, beren kabalak eri direla ohartu orduko, haiengana jotzen dute. Zuberoako Basabürüan ari da lanean Claude Cazaubon, eta onartu du Etxebarreko kasuaz geroztik gertatu denak harritu duela: «Kasu hori ez zen gure bezero batena, baina afera hartu duen marexalak ez zuen eritasun hori xerkatu ere egin odol proban. Bagenekien eritasuna bazela, baina hemendik zinez urrun, eta ez genuen batere espero lurralde honetara hain fite jinen zenik». Handik aste batera «erokeria» izan da, Cazaubonen hitzetan, haien bezeroen %90ek ukan baitute izurritearen kasu bat bederen behi saldoan.
Larraineko behi hazle eta Paueko (Okzitania) Laborantza Ganbaran FDSEA sindikatuko hautetsi Sebastien Üthürriagek bere berrogei behiko saldoan bi kasu ukan ditu, eta zezena ere larriki hunkia zuen aste hastapenean. «Laborantza Ganberarekin ari ginen eritasun hori lantzen, nazioarteko akordioak ere sekula heltzen bazen, baina hain da zale heldu, egiazki atzemanak izan baikara», aitortu du Üthürriagek. Haren kasua ez da bakarra herrian, Larraineko «etxeak oro hunkiak» baitira, haren erranetan. Eritasunaz den jakintza gutiaren lekuko izan da: «Eltxo batek du eritasuna ekartzen, eta hemen, freskura amiñi bat haboro baitzen, pentsatzen genuen ez ginela hainbeste hunkiak izanen».
Hego hemisferioan, eritasuna ezaguna eta aspaldikoa den lurraldeetan, informazioa eskuratu du Cazaubonek, eta hemen ikusi duenarekin konparatuz egiaztatu ditu datuak: «Positibo diren ehun behi hartuz, hamarren batek keinu klinikoak erakutsiko dituzte, eta horietarik, bat hilko da. Hori da Hego hemisferioko lekukotasunek diotena eta guk ikusten duguna», laburbildu du.
Ugo Arbelbide ELB sindikatuko ordezkaria da Heletan, eta 42 behi hazten ditu. Haren ustez, Frantziako Estatuko osasun zerbitzuek heda zezaketen izurritearen berri: «Damu dugu ez delako informaziorik izan. ELB sindikatuarekin bilkurak segitu ditugu uztailean eta irailean behien tuberkulosiaren inguruan, eta hori zen gaia, baina orain gibelapenarekin egia da informazioa parteka zitekeela, jakinarazteko eritasun larri bat badela Pirinioez bestaldean». Arbelbideri ez zaio normala iduri, gainera, informazioa soilik ematea soilik alde batetik heldu delarik: «Beste eritasunekin, jakiten dugu zer gertatzen den Akitania Berriaren edo Frantziako Estatuaren iparraldean, baina guretzat ulergaitza da ez jakitea mugaz bestaldean zer gertatzen den. Hori erran izan dugu ministerioarekin egin bilkuretan», zehaztu du.
Sendabide guti
Izurrite hemorragikoa beste lurralde batzuetan ezaguna eta ikertua bada ere, ez da bere kontrako txertorik asmatu. Inguru hauetara heltzearekin, marexalak itsumandoka ibili dira sendabide posibleak aplikatzen, Cazaubonek erran duenez, aholkatua dena ez baita aski fidagarria: «Bada produktu bat aholkatua dena, intsektizida bat, baina ikerketa zientifikoek ez dute frogatu erabat eraginkorra denik; eltxoentzat, haren efizientzia %50 eta %80 artekoa da. Horrekin saldoak babestuko direla ametsezko ideia da».
Erritmo bizian lan egin dute azken asteetan, hazleen dei andanari erantzuteko. Usaian, bi pertsonaren artean arratsaldeko bostak arte egiten zuten egunaren partez, hiruren artean gaueko zortziak arteko laneguna egiten hasi behar izan zuten, kolpetik. Behien mina eztitzeko bide bat atzeman dutela zehaztu du Cazaubonek: «Hanturaren kontrako botikak baliatu ditugu, besteak beste, eta horrek eztitu ditu gehien, itxura guztien arabera, behien minak. Baina sostengu tratamenduak baizik ez dira».
Kasurik larrienetan, perfusioak egin dituzte marexalek. Arbelbideren behi eri batentzat, adibidez, muturreko neurria hartu zuten: «Behi batek ez zuen gehiago jaten eta edaten, eta marexalarekin perfusio bat egin genion: pantzara 30 litro ur igorri genion, mineralekin. Hola, normalki ontsa doa, baina hazle batzuek behiak galtzen dituzte, halere».
Bere Larraineko etxaldean, berriz, eri ziren bi behi sendatzen ari zaizkio orain Üthürriageri, baina zezenaren kasua desberdina da: «Goizik hartua izan bada ere, zinez hunkia izan da. Badu aste bat ez duela jaten eta edaten. Ez dakit biziko denetz», damutu da. Cazaubonek zehaztu du, preseski, sistema immunitarioaren arabera erreakzionatzen dutela kabalek eritzen direnean, baina «eritasuna larriki ukan duten behiak profil guztietakoak» direla. Dena den, marexalak gehitu du ehunka behi eri ikusi ondotik ez dela «hain eritasun larria; estatistikoki ez dira hainbeste behi hiltzen».
Ondorio ekonomikoak
Kabalen osasunaz gain, eritasunak baditu berehalako ondorio ekonomikoak ere hazleentzat. Batetik, marexalak «ez baitira dohainik jiten», Üthürriagek dioenez. Arbelbidek kalkulatu du behi bakoitza sendatzeko ahaleginean «gutienez, 300 euroko gastuak» badirela. Bestalde, gainera, Frantziako Gobernuak kabalen salmenta neurriak zorroztu ditu: gizenarazteko saltzen diren txahalek eritasunaren PCR negatibo bat ukan behar dute salduak izan baino hamabost egun lehenago.
Espainiako Estatuan eta Italian kabalak saltzeko balio du neurri horrek, eta, preseski, Italian da Akitaniako Blonda arrazako salmenta gunerik handiena. Arraza horrekin ari da lanean Arbelbide, eta egoera etsigarria zaio, txahalen salmenta sasoi betean baitira orain: «Zirkuitu luzean ari garenontzat zigor bikoitza da: baditugu gastu sanitarioak, marexalen fakturak lehertzen baitira, eta kabalak saldu ezina. Kabala horiek etxaldean gelditu behar dira; beraz, gastuak badira, eta ez da diru sartzerik». Zehaztu duenez, ELB sindikatuarekin borrokatzen ari dira laguntzak izan daitezen.
Üthürriageri ere begi bistakoa zaio laguntzen beharra. Laborantzako egoera ekonomikoa gogorra dela oroitarazi du: «Iduri du azken urteetan oro gure kontra direla: prezioak oro goiti ari dira; kabalen prezioak goititu ziren, baina urrun zen prezioen arabera behar zen gorakadatik. Bagenituen problema franko Europako laguntzak hunkitzeko ere». Larraintarraren erranetan, Akitania Berria eta Okzitania eskualdeetako laborantza ganberak «ari dira lanean eritasun horren eragina zenbatzeko, ikusteko zer kostako den eta jakiteko nola lagundu beharko den laborantza atxikitzeko. Zeren, zinez, gogor dateke».
Esportazioa
Eritasunak ez duenez haragiaren kalitatean neholako eraginik, zirkuitu laburrean ari diren hazleek kabalak normal hil eta kontsumora bideratu ditzakete. Gizenarazteko saltzen diren txahalen zirkuituan, berriz, ondorio handiak ukanen dituzte esportaziorako neurriek. Ipar Euskal Herriko daturik ez baita, Frantziako Estatukoak argigarriak izan daitezke: estatuan 1,4 milioi txahal saltzen dira esportazioan; horietatik milioi bat, Italian. «Laborantzako Ministerioak bere burua zoriontzen du mugak ireki direlako, baina ez du erran nahi gure arazoak konponduak direnik», trenkatu du Arbelbidek. Üthürriage, berriz, laborarien «osagarriaz» kezkatua da.
|
2023-10-27
|
https://www.berria.eus/albisteak/234468/datuak.htm
|
Datuak
|
Datuak.
|
582: izurrite hemorragiko kasuak departamentuan Aste hasieran Frantziako Gobernuko osasun zerbitzuek erran dute 582 izurrite hemorragiko kasu daudela Pirinio Atlantikoetako departamenduan. Estatu osoan, 1.194.
|
||
2023-10-31
|
https://www.berria.eus/albisteak/234469/laquoeuskara-da-euskaldunen-aberria-eta-balio-du-beste-hizkuntzen-barnatzekoraquo.htm
|
Kultura
|
«Euskara da euskaldunen aberria, eta balio du beste hizkuntzen barnatzeko»
|
Euskararen eta hizkuntza indoeuroparren ahaidetasuna ikertu du Etxamendik 26 urte hauetan, hitzen erroetara joanez.
|
«Euskara da euskaldunen aberria, eta balio du beste hizkuntzen barnatzeko». Euskararen eta hizkuntza indoeuroparren ahaidetasuna ikertu du Etxamendik 26 urte hauetan, hitzen erroetara joanez.
|
Hikuntzalaritza tesia 2007an defendatu zuen Eñaut Etxamendik (Ezterenzubi, 1935), Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatean. Euskera-erdarak: basque et langues indo-européennes: essai de comparaison izenburua duen ikerlanak. Idazle, kantari, irakasle gisa ezagun egin zen Etxamendi, baina azken urteetan euskarak hizkuntza indoeuroparrekin duen ahaidetasunaz egin lanengatik agertu da. Bi liburu argitaratu ditu, Fina eta Txomin Davantekin eta Roger Courtoisekin lankidetzan. Bata iaz atera zen: La langue basque. Gisement archeo-linguistique, frantsesez. Bigarrena, orain: El Euskera, ¿Lengua indoeuropea?, gazteleraz, Durangoko Azokarako. Biak, l’Harmattan argitaletxean. Beste bat bidean du, euskaraz: Eztabaida edo EHHE Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoaren gaitasun azterketa deituko duena. Beste lan handi bat ere hasia du latinaren hiztegi etimologikotik abiaturik. Paper, dokumentu eta liburu potoloz inguraturik mintzatu da bere lanez. Badu 26 urte kasik egunero ikertzen ari dela.
Zer lanetan ari zara azkenaldian?
Lan luze baten egiten ari naiz. Latin etimologien hiztegia egiten ari naiz, lehen letratik azkeneraino. Erdia, nonbaitan, egina dut. Beste linguistek egin dituzten lanak ditut lantzen, baina disko gogorra etxeko edo ama hizkuntza [euskara] dudala buruan. Orduan, ikusten dudalarik latin edo greziera hitza garbi-garbiki bakarrik euskarak dezakeela ireki, orduan idazten dut.
Hainbesteren artean, adibiderik?
Eman dezagun, mingo [latinez]: erran nahi du pixa egin, ura isuri, ez dakite esplikatzen nondik heldu den. Erraten dute nola erkatu duten beste hizkuntza batzuekin eta nola gelditu diren mutu. Hitza dilindan utzi dutenez geroztik, ni entseatzen naiz euskararen disko gogorretik egiten. Mingo = mina kendu.
Begi bistakoa zaizuna ez dizute onartzen batzuek?
Alta, argi delarik. Oraino behar dira ikusi batzuk, holako seriosarekin erraten: «Etxamendik zernahi erraten du: euskarak ez du deus ikustekorik indoeuroparrarekin!».
Badituzu laguntzaileak ere.
Bai, Txomin eta Fina Davant; biziki-biziki laguntzen naute, eta haiekin, Roger Courtois, Wanadoo sortu zuena eta saldu, erretretan baita. Euskarari izugarriko ikusmina ekartzen dio. Bulgarizatzaile ona da. Linguista baten hizkuntza ulergaitza baita, ezartzen dute edozein irakurlek ulertzeko gisan. Izugarriko abantaila da, ezen lan egiten dudalarik hitza ezarri behar baitut zientifikoki kontrolagarri izateko gisan.
Zer metodo zientifiko erabiltzen duzu?
Lehenik, bada Meilletek zer erraten duen [Antoine Meillet, 1866-1936, filologo frantsesa] —hizkuntz erkaketaren sortzailea izan zen—: «Badira, beste senidetza bateko hizkuntzez inguratuak diren hizkuntzak, desagertu den senidetza bateko porroska isolatuak iduri dutenak, ez baitaitezke auzoko hizkuntzen taldean sartu, eta ez baitute beste hizkuntza ezagun bakar bat gogoratzen. Beren gramatika sistemak ez du beste hizkuntza bat berarekin adostasunik»; eta kasu, hau gehitzen du: «Ez zaigu halakorik seinalatu, segurik. Hala da euskararekin». Euskaltzaindikoek erranen dizute: «Meilleten adierazpenaz geroztik ez du inork harrapatu itxurarik euskararen eta indoeuroparraren artean».
Zuek zergatik erraten duzue hori ez dela hala?
Arrazoi franko bada, luzeegi balitzateke denen aipatzea. [Lehen hizkuntzalari alemanen ikerketetarik gaur arteko hizkuntzalaritza eztabaidak oinarri]. Aleman hizkuntzalari eta arkeologo horiek sortu zuten sekulako literatura eta hori sinetsi dute eskuen artean ditudan linguistek: Meilletek, Chantrainen ekipak [Pierre Chantraine] eta nik ukan ditudan unibertsitate irakasleek. Ez dute dudan ezartzen indoeuroparren kondaira. Erran behar da laneko teknikak ez zituztela orain ditugun bezalakoak. Hizkuntzen lantzeko bada Emile Benvenisten (1902-1976) metodoa —Meilleten eskolierra—. Hona bere tesi lana [erakusten du]; honek nau iratzarrarazi.
Zer du berezi Benvenistek?
Ikaragarriko kultura du: latina, grekoa, sanskritoa; eta aski hitz meta hurranduz batzuk-besteei, sortu du Erroaren teoria. Benvenisten ikerbidea zein da? Hartzen duzularik hitz bat, behar duzu hitz horren hizkuntza ahal bezain urrun jakin. Hortakotz da, euskaran xantza ikaragarria, eta Azkue batek egin duen lana, adibidez. Hitz bakar batzuk falta ditu, baina ez anitz. Ikerlan horretan ari denak behar du ustezko senide liratekeen hizkuntza horietan ere lanean ari izan. Eta so egin behar duen lehen gauza da: hitz baten egitura. Hitz hori osatuzkoa denez ikusi. Ikertu behar da baduenez aurrizkirik. Eta atzizkirik baduenetz. Atzizkitik segidan, baduenetz deklinabide isatsik. Benvenistek erraten du silaba bakarreko errorik baizik ez dela. Bi silabako ustezko erroa bada, erran nahi du atzizki bat badela.
Erro horren xerka joatea da, beraz, funtsa?
Aurrizki eta atzizki guziak kenduta erro hori nolakoa den ikustea. Silaba bakar hori, bi tema motetan agertzen dela dio. Lehen tema: bi kontsonante, artean bokal batekin. Bigarren tema: bokalak jauzi egiten du. Euskarak, kasik sistematikoki, lehen teman ditu erroak. Bakar batzuk badira bigarren temakoak; ez biziki. Ene lanean giltza nagusia izan da lehen tema hori.
Maiz entzun da euskarak atzizkiak bazituela, bai, baina aurrizkirik ez baitezpada. Zuk diozu baietz.
Sekulako aurrizkiak badira euskaran. Ez latinez bezainbat, baina badira. Ezen, noizbait, duela menturaz bizpahiru mila urte euskara ez baitzen hiri handietan gelditu, hain segur. Menturaz, berrikiago ere da mendiko iheslari batzuen hizkuntza gelditu; feudalitateetarik ihes ziren jende batzuek dukete atxiki euskara. Ene iduriko Hegoko eta Akitaniako zelai handi horietan, ogi lekuak ziren horietan, feudalitatea egiten zuten lapur jaun eta jabetarik eskapo joanak.
Metodo horri esker, beraz, euskal hitzak giltzak zaizkizu beste hizkuntzekiko ahaidetasunen erakusteko. Hitz horien irekitzeko balio zaizula diozu.
Oztopo, arazo, herstura horiek guziak behar dira gogoan atxiki euskara beste hizkuntzekin erkatzen duzularik. Eta orduan ohartzen zara gauza bera dela. Irakaslerian pixka bat gora joaten diren euskaldunek behar lukete hobeki landu indoeuropar hizkuntzei buruz egina izan dena. Latinari eta grezierari buruz bada hainbeste lan eginik.
Zure ikuspegiak bat eginen luke hizkuntza ama bakarraren teoriarekin?
Hemen baduzu ikaragarriko lana horri buruz. [Jean-Paul Demoule, arkeologo eta aurre historialari frantsesaren liburua erakusten du: Mais où sont passés les Indo-Européens ? (Nora joan ote dira Indoeuroparrak?)]. Honek erraten du, edozein gisaz, hizkuntzak mintzaira bakar baten umeak direla. Erran nahi du jendea izugarri nahastekatu dela eta hizkuntza guziak kreolera batzuk direla. Latina eta greziera klasikoa barnatzen delarik ohartzen zara kreolera hutsak direla. Euskara ere bai. Badira hitz batzuk euskaran ezin direnak konparatu besteekin, non ez den beste horien hitz amak direla. Baina badira hala-hala euskaran hitzak ez direnak Iratiko jendeak eginak, baina mundu urbanotik jinak direnak.
Ikergaia ikusirik, zergatik zure liburuak frantsesez eta espainolez publikatu eta ez euskaraz?
Egin behar baitzen. Hau dut bakarrik publikatu euskaraz [eskupean duen Eztabaida izeneko inprimakia erakusten du], euskaldunendako; erran nahi baita isilpeko, nahita nahiez polemikoa baita.
Baina bertsio hori ez duzu argitaratua?
Nahi nuke prest ukan Durangoko. Ez liburu forman; liburu forman ezartzeko behar bailuke oraino sei hilabete. Hein horretan berean Maiatz-en [argitaletxea] nahi genuke publikatu. Izenburua da: EHHE Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoaren gaitasun azterketa. [Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa delarik Joseba A. Lakarrak, Julen Manterolak eta Iñaki Segurolak egin eta Euskaltzaindiak argitaratu hiztegi etimologikoa].
Zer da zure helburua hainbeste urtetako lan sakon horrekin?
Nahi nuke begiak hetsi gabe aski arrasto utzi gure ondotik jinen diren gazte batzuk —gu baino argituago, azkarrago izanen direnak— ukan dezaten lokia; zirrimarra horiek ukan ditzaten. Horrek atxikitzen nau bizirik. Ez da bakarrik euskaldunak garelakoz baduela interesa, baina hainbestetaraino da altxor xoragarria! Euskaldun gazte batendako errazago izanen da beste hizkuntzez jabetzea. Gu bezalako populu ttipi bat, aski arazo baduguna —bi estatu astapito; kalitate handiak ere badituztenak—, gisa horretan bizi garenak, guhaurren jendeen laurden bat ez duena jabetzen gu herri egiten gaituena: erran nahi baitu hizkuntza. Behartuak izanen gara eleaniztunak izatera. Euskaldun batek, hemendik goiti, nahi baditu bere hizkuntza eta kultura atxiki, behar ditu beste hizkuntzak jakin.
Zuen lanak lagundu dezake horretara?
Pentsatzen dut lagungarri izanen dela. Eskolierrendako agertuko direla liburuak, haurrei biziki goizik hasteko euskararen beraren altxorra erakusten. Lehenik eta bat, ez daitezen izan ahalke aita eta ama xaharretarik heldu zaien euskaraz. Bestetik, erraza izan dakien beste hizkuntzen ulertzea, barnatzea. Euskaldunen aberria hizkuntza da, eta baliatzen ahal da beste hizkuntzak ontsa barnatzeko, eta horietarik hazteko gure kultura. Abertzale zahar baten ametsa duzu hau: guhaurren hizkuntza ontsa ezagutzea, irekitzea, erraztuko baitigu bidea beste hizkuntzei buruz.
Euskararen etorkizuna ez duzu ilun ikusten, ondorioz?
Ez da esperantza galdu behar. Balio du itxaropena atxikitzeak. Funtsean, ez da beste biderik: edo bere buruaz beste egitea —edo drogaz bere burua botatzea zulora—, edo itxaropena.
|
2023-10-27
|
https://www.berria.eus/albisteak/234470/emile-benveniste-erroaren-teoriaren-pentsalaria.htm
|
Emile Benveniste, ‘erroaren teoriaren’ pentsalaria
|
Emile Benveniste, ‘erroaren teoriaren’ pentsalaria.
|
Emile Benveniste (Alepo, Siria, 1902-Paris, 1976). Hizkuntzalaria zen, hizkuntza indoeuroparretan berezitua eta gramatiken konparaketan.
Antoine Meilleten ikaslea izan zen Goi Ikasketetako Praktiken Eskolan. Bertan irakasle izan zen gero, 1927 eta 1969 bitartean. Baita Frantziako Kolegioan ere. 1961ean, Claude Levi-Strauss eta Pierre Gourourekin, L’Homme, revue française d’anthropologie (Gizakia, Frantziako antropolgia aldizkaria) aldizkaria sortu zuen.
1932tik hizkuntza indoeuroparren konparaketa hizkuntzalaritzan ariko da. Nazioartean famatua bilakatuko da, bereziki, Izen indoeuroparren osaketaren jatorriak (1935) ikerketa lan nagusiaren ondorioz. Horretan zuen erro indoeuroparrari buruzko teoria garatu, hizkuntzalaritza indoeuroparrean eragin handia izanen duena, ondotik.
|
||
2023-10-27
|
https://www.berria.eus/albisteak/234471/pierre-chantraine-grezieraren-etimologiaren-egile-handia.htm
|
Pierre Chantraine, grezieraren etimologiaren egile handia
|
Pierre Chantraine, grezieraren etimologiaren egile handia.
|
Pierre Chantraine (1899-1974) gramatikari eta helenista frantsesa zen. Berak zuzendu ikerlari talde batekin Grezieraren hiztegi etimologikoa. Hitzen Historia hiztegiaren egilea da, hizkuntza indoeuroparretan eta konparaketan oinarriturik. «Zeru bat nonbait baldin bada, segur naiz han izanen direla. Behar da ikusi nolako lana egin duten. Ikaragarria da. Lekukotasunak, berme ateratzen dituena, nahikoak», dio Eñaut Etxamendik lan horretaz eta egile duen taldeaz.
Gramatikan agregatua eta letretan doktorea zen eta Antoine Meilleten ikaslea izana.
Parisko Sorbonan eta Goi Ikasketetako Praktiken Eskolan irakasle izan zen. Frantziako lehenbiziko jakintsuetarik izan zen Mizeniaztar greziera lantzen (mizenastarra grezieraren formarik zaharrena da, gure aroa aitzineko XVI. eta XII. mendeen artean mintzatua izan zena.
|
||
2023-10-27
|
https://www.berria.eus/albisteak/234472/beldurraren-topografia.htm
|
Gizartea
|
Beldurraren topografia
|
Marta Romanek eta Begoña Pernasek ‘Gauez ibiltzeko eskubidea’ izenburuko ikerketa egin dute, Iruñeko Udalak eskatuta. Nabarmendu dute oraindik joera dagoela gauez ibiltzen diren emakumeak sexualitatearekin lotzeko.
|
Beldurraren topografia. Marta Romanek eta Begoña Pernasek ‘Gauez ibiltzeko eskubidea’ izenburuko ikerketa egin dute, Iruñeko Udalak eskatuta. Nabarmendu dute oraindik joera dagoela gauez ibiltzen diren emakumeak sexualitatearekin lotzeko.
|
“Auzi konplexu bat” dela erran du, bertze deus baino lehen; segurtasunari buruzko gogoetan sakondu ahala, “paradoxak agerian” gelditzen direla: “Arazo bat dugu segurtasuna deliturik ezarekin lotzen badugu”, nabarmendu du Marta Romanek (Madril, 1962). Geografoa da, eta Gea21 ingurumen eta gizarte aholkularitza etxeko sustatzailea, Begoña Pernasekin (Madril, 1962) batera. Gauez ibiltzeko eskubidea izenburuko ikerketa egin dute biek, Iruñeko Udalarentzat.
Romanek eta Pernasek gauez ibiltzen diren emakumeak jarri dituzte euren ikerketako erdigunean. Iaz egin zuten, Iruñeko Udaleko Kultura eta Berdintasun Sailak eskatuta. Udalak ez du aurkeztu, baina bere webgunean jarri du. Ikerlariek ia ehun pertsona elkarrizketatu dituzte, eta gauez kalea hartzen duten emakumeek sentitzen duten beldurraz, sortzen diren gatazkak kudeatzeko duten gaitasunaz eta bizi duten arriskuaz egin dute gogoeta. Egileek nabarmendu dute oraindik ere joera dagoela gauez ibiltzen diren emakumeak sexualitatearekin lotzeko; zalantzan jartzen dela oraindik ere emakumeek gauez ibiltzeko duten eskubidea.
Ikusi gehiago: Ana Burgos, antropologoa: «Indarkeria matxistei aurre egitea ez da soilik puntu morea jartzea»
“Beldurraren topografia moduko bat egin dugu Iruñean”, erran du Romanek, Pernasekin batera ondutako lanari buruz; Nafarroako Indarkeria Sexistaren Kontrako Emakumeon Plataformak antolatutako jardunaldi batean aurkeztu du topografia, hiriburuan, urriaren 21ean. Romanek garbi utzi du norberak gizartean duen tokiak baldintzatzen duela segurtasunaz edo beldurraz duen pertzepzioa, eta auzi horiek sexuarekin, arrazarekin edo klase sozialarekin gurutzatzen direnean, ustez segurtasunaren aldekoak diren neurriek kontrakoa ekar dezaketela. “Auzi konplexu bat da”, berretsi du.
Izan ere, emakume anitzek gauez ibiltzeari uko egiteko arrazoiek karrikan egiten dizkieten begiradekin, esaten dizkieten hitzekin edo bizi dituzten egoerekin dute lotura, Romanek nabarmendu duenez; hau da, “delitutzat hartzen ez diren jokabide edo egoerekin”, zehaztu du ikerketaren egileak. Aldi berean, Romanek azpimarratu du sexu erasoekin lotutako delitu anitz ez direla salatzen. “Ezezagunek egindako sexu erasoak salatzen dira, batez ere; anitzez ere gutxiago salatzen dira eremu pribatuan ezagun batek edo bikotekideak egindakoak”, erantsi du.
Beldurra eta kontrola
Romanek eta Pernasek datuak aztertu dituzte ikerketa osatzeko, informazio osoa ematen ez dutela jakinda, baina, batez ere, elkarrizketak egin dituzte, jakiteko emakumeek zer pertzepzio duten segurtasunari buruz. “Beldurraren topografia moduko bat da lortu dugun emaitza. Topografia horretan emakumeek toki jakin bat dute espazio sozialean, segurtasunari buruz duten pertzepzio horren eta hartzen dituzten arriskuen arabera”, azaldu du Romanek.
Topografiak, beraz, zenbait emakume taldek osatutako mapa bat jarri du mahai gainean. Emakume talde bakoitzak errealitate bat utzi du agerian, klaseak, arrazak, sexu orientazioak, jarduerak, auzoak eta bertze hainbat auzik baldintzatuta.
“Anitz harritu gintuen”. Horixe erran du Marta Romanek, ikerketak klase ertaineko emakume profesionalek osatutako taldearen inguruan agerian utzi duenari buruz. “Baliabideak dituzten emakumeak dira, eta haietako anitzek begirada feminista bat izan dezakete; emakume horiek, baina, ez dute Iruñea hiri segurutzat jada. Harrigarria da hori, Iruñea, berez, hiri segurutzat har baitezakegu”, erran du Romanek.
Zehaztu du emakume horiek azken hamarkadetako gizarte aldaketekin lotzen dutela ustezko segurtasunik eza. “Migratzaileak bizi diren auzoekin lotzen dituzte arriskuak, anitzetan”.
Emakume horiek alabei gerta dakienagatik sentitzen dute beldurra, batez ere, Romanek nabarmendu duenez. “Beldurrak agerian uzten du, gainera, amatasuna ezartzeko bertze modu bat”. Gizartean gertatu diren aldaketa demografikoak aipatu ditu Romanek: “16 urtetik beheitiko herritar gutxiago dago 65 urtetik goitikoak baino. Haur anitz dira seme edo alaba bakar. Haurren hazkuntza pribatizatu egin da, eta horrek aldaketak ekarri ditu”.
Egoera horren ondorioetako bat da familiek kontrol zorrotza ezartzen dietela nerabeei; batik bat, emakumeei. “Ama horiek euren alaben eskubideak urratzen dituen kontrola ezartzen ari dira, sakelakoaren bidez lokalizatzen baitituzte, eta haien mezuak irakurtzen baitituzte. Bikotekideak hori eginen balu, indarkeria matxistaren sintomatzat hartuko genuke”.
Kontrolak badu bertze ondorio “arriskutsu eta larri” bat, Romanen hitzetan. “Emakume gazte horiek maitasuna kontrolarekin lotzen ahal dute. Amek sentitzen duten beldurrak alabak kontrolatzeko zilegitasuna ematen diela onartzen ari gara, eta hori hagitz larria da. Auzi horri buruz gogoeta egin beharko genuke”.
Kontrola ezartzen duten ama horien alabekin ere mintzatu dira ikerketaren egileak; 14 eta 15 urte bitarteko eskola bateko nerabeekin egin dituzte zenbait saio, hain justu: “Karrikan ibiltzen dira; kaleko jazarpenari aurre egin behar diote, anitzetan, baina harreman intimoen esparruko indarkeriaz hitz egin zuten emakumeek, batez ere. Etxean kaleko arriskuez ohartarazten dituzte, erraten diete karrikan kontuz ibiltzeko, baina harreman intimoak nola kudeatu ez dakite. Nahasita daude”.
Bertze errealitate bat da gauez lan egiten duten emakumeena. Taxi gidarien, zerbitzarien eta garbitzaileen hitzak eta esperientziak jaso dituzte Romanek eta Pernasek, bertzeak bertze. “Lanean ez dute beldurrik sentitzen, gatazkak izan arren. Egoera horiek kudeatzeko gai ziren emakume horiek”, kontatu du Romanek. Gauzak aldatzen ziren, halere, laneko uniformea kendu eta emakumeok etxera itzultzen zirenean: “Lanean, ziren tokian egoteko zilegitasuna sentitzen zuten; etxera bueltan, berriz, emakume gisa, beldurra sentitzen zuten, andreek gauez karrikan ibiltzeko duten eskubidea zalantzan jartzen duen arau sozialaren aurka ariko balira bezala”.
Emakume migratzaileak
Romanek eta Pernasek egindako ikerketak bertze talde bat identifikatu du: emakume migratzaileena; haientzat beldurra sentitzea luxu bat da, ikerketak azaldu duenez. Ordutegirik gabe egiten dute lan anitzek, zaintzaren eta garbiketaren esparruetan. “Garraio publikoa martxan ez denean mugitu behar izatea arazo bat da haientzat; bertze bat, berriz, lana eta familiaren zaintza uztartzea”.
Sarerik ezak eragiten ditu emakume migratzaileon lana eta familia uztartzeko zailtasunak, hain zuzen. “Anitzetan, seme-alabak hurbilekoak ez diren pertsonekin utzi bertze erremediorik ez dute”, erran du Romanek. Emakumeontzat lana eta familia uztartzeko bideak bilatzeko beharra nabarmendu du: “Emakumeokin hitzartu behar dira behar dituzten irtenbideak”.
Prostituzioan aritzen diren emakumeak eta etxerik ez dutenak osatzen dute Pernasek eta Romanek egindako topografiako bertze talde bat. “Iruñeko kaleetatik ia desagertu egin dira prostituzioan aritzen diren emakumeak; klubak ere ixten ari dira. Prostituzioa, batez ere, etxebizitzetan gertatzen da, eta, ondorioz, kontrol sozialerako aukera gutxiago dago, eta arriskua handitu egiten da emakumeontzat”.
Karrikan bizi diren emakumeei buruz, Romanek azpimarratu du andreok kalera eraman dituzten egoerek lotura zuzena dutela sexu abusuekin edo indarkeria matxistarekin. “Kontsumo eta menpekotasun arazoak garatzen dituzte kasu anitzetan, eta, ondorioz, ez dituzte hartzen indarkeria matxista sufritu duten emakumeak artatzeko zerbitzuetan. Zerbait egin behar da, emakumeon taldea baita arrisku gehien duena”.
LGTBI kolektiboko gazteen taldea da Pernasen eta Romanen topografiak zehaztu duen azkena. “Familiaren eta lagunen babesa galtzen dute anitzetan; anitz sufritzen dute. Garbi dut haiei esker hobeki ulertuko dugula aldatzen ari den egungo mundua”, dio Romanek.
Gakoak
Marta Romanek eta Begoña Pernasek Iruñean garatzeko zazpi proposamen egin dituzte euren lanean.
1. Aldaketa soziala udal politiketan txertatu. Segurtasunik eza migratzaileekin lotzeko joeraren aurka egin nahi dute ikerketaren egileek. Joera horrek migratzaileak arriskuan jartzen dituela nabarmendu dute. Uste dute udal politikek egungo gizarte askotarikoari erantzun behar diotela.
2. Krisian diren auzoak suspertu. Estigmatizatutako edo krisian diren auzoak suspertzeko eskatu dute ikerketaren egileek; bertzeak bertze, dendariak laguntzeko neurriak pro- posatu dituzte.
3. Saretzea bultzatu. Gizarteak bazter utzita- ko sektoreek zailtasu- nak dituzte saretzeko. Egoera horri aurre egin nahi diote ikerketaren egileek, hirigintzan eta hiriko horniduran era- ginez. Zerbitzuak benetan herritar guztien eskura jartzeko eskatu dute.
4. Kontziliazioa sustatu. Gauez lan egiten duten emakumeen kontziliazioa errazteko eta segurtasuna indartzeko neurriak proposatu dituzte: garraio publikoa eta zaintza zerbitzuak egokitzea, bertzeak bertze.
5. Gaua eta karrika denentzat. Ikerketaren egileek uste dute herritar orok duela gauez eta karrikan ibiltzeko eskubidea. Ondorioz, garbi dute auzo biziak izateko «gatazka jazartzeari utzi» behar zaiola. «Gauza bat da indarkeria, eta bertze bat, gatazka».
6. Sexu indarkeriari buruzko ikuspegia. Egileek nabarmendu dute arrisku nagusia arlo pribatuan dagoela. Kaleko jazarpenari aurre egin behar zaiola uste dute, halere, baina ema- kumeak kaletik urruntzen dituzten mitoak elikatu gabe.
7. Sexu heziketaren beharra. Arlo pribatuko egoera horretan eragiteko, sexu heziketa funtsezkoa dela iritzi diote egileek. «Gazteak munduan kokatzen lagundu behar ditugu».
|
2023-10-27
|
https://www.berria.eus/albisteak/234473/tubacex-urte-historiko-bat-izateko-bidean.htm
|
Ekonomia
|
Tubacex, «urte historiko bat» izateko bidean
|
Arabako hodigile horrek 27,8 milioi irabazi ditu 2023ko lehen bederatzi hilabeteetan, eta betea du eskaera zorroa.
|
Tubacex, «urte historiko bat» izateko bidean. Arabako hodigile horrek 27,8 milioi irabazi ditu 2023ko lehen bederatzi hilabeteetan, eta betea du eskaera zorroa.
|
Salmenta handiak, irabazi mardulak eta eskaera oparoak. Edozein enpresaren ametsa diren kontuak aurkeztu ditu Tubacexek, eta gustura dagoela ezkutatzen ez da saiatu Jesus Esmoris konpainiako kontseilari ordezkaria: «CNMVri aurkeztu dizkiogun emaitzekin baieztatu egiten dugu 2023a urte historikoa izango dela emaitzen aldetik».
Arabako hodigile horren oraingo egoera oso urruti dago duela bi urte eta erdi enpresako langileak ia zortzi hilabeteko greba egitera eraman zituenetik. Arrazoi ekonomikoak argudiatuz, 150 langile kaleratzen saiatu zen Tubacex, eta Amurrioko eta Laudioko langileek greba mugagabe batekin erantzun zioten. Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, gatazka akordio batekin amaitu zen, 2021eko irailean.
Bi urte igaro dira, eta orduan egoera zailean zegoen enpresa esne mamitan dago orain. Arrazoien artean dago erregai fosilen prezioak gorakada handia izan duela, eta horrekin batera petrolioa eta gasa ustiatzeko inbertsioak handitu dituztela hidrokarburo konpainiek.
Haien eskutik, Arabako multinazionalak 641,9 milioi euroren salmentak egin ditu urtarriletik irailera, iaz baino %21,8 gehiago. Salmenta horiei etekin handia atera die: 93,8ko irabazi operatiboa lortu du (EBITDA), eta amortizazioak, zorrak eta zergak kitatu ondoren, 27,8 milioi euroren irabazi garbia geratu zaio, iaz baino %63,5 handiagoa.
Gainera, datorren urtea ere ona izateko sustrai sendoak ditu Tubacexek, eskaera zorroa beteta baitauka: 1.630 milioi euroren eskariak ditu.
Eskaera horietako asko trantsizio energetikoarekin lotuta dauden proiektuetarako direla nabarmendu du konpainiak, hala nola AEBetan CO2a biltzeko proiektuetarako. Edonola ere, oraindik pisu handiagoa dute sektore tradizionalek: industrian egin ditu salmenten %37, gasaren sektorean %25, eta petrolioan %17.
|
2023-10-30
|
https://www.berria.eus/albisteak/234474/pantailen-lilurak-kezkatuta.htm
|
Gizartea
|
Pantailen lilurak kezkatuta
|
Seme-alaben lagunak smartphonearekin ikusteak arduratuta, guraso taldeak sortu dira ikastetxeetan. Telefonoa emateko adina atzeratu nahi dute, eta emango dietenerako prestatu nahi dituzte seme-alabak, egoki erabil ditzaten.
|
Pantailen lilurak kezkatuta. Seme-alaben lagunak smartphonearekin ikusteak arduratuta, guraso taldeak sortu dira ikastetxeetan. Telefonoa emateko adina atzeratu nahi dute, eta emango dietenerako prestatu nahi dituzte seme-alabak, egoki erabil ditzaten.
|
Orain dela hiru edo lau urte, gure umeak Lehen Hezkuntzako 4. mailan genituen. Ikusten genituen 5. eta 6. mailetako umeak smartphoneekin kalean. Ez zitzaigun gustatzen. Hasi ginen parkean gure artean hitz egiten. Kezkatzen gintuen 10 urterekin gazteegiak zirela smartphone bat izateko», gogoratu du Iraitz Arrizabalaga Ondarroako Zubi Zahar ikastolako Altza Buru guraso taldeko kideak. Pantailak gero eta hedatuago dauden honetan, behintzat kalean igarotzen duten denbora seme-alabek Internetik gabe pasatzea nahi dute. Guraso haietako batek Zarauzko (Gipuzkoa) Guk aukera, guk 16 taldearen berri izan zuen, eta hango kide Miren Ros hezitzailea gonbidatu zuten ikastolara. Gurasoei eta ikasleei gaiaren inguruko prestakuntza eskaini zien. Taldearen helburua «erabilera atzeratzea» da, Arrizabalagaren esanetan: «Ez dugu adin bat jarri, baina ez dugu ondo ikusten 12-13 urterekin umeek telefonoa izatea». Oraingoz, lortu dute Ondarroan: DBH ikasten ari dira daborduko, eta oraindik ez diete sakelakorik eman.
Gurasook badakite teknologia berriak onuragarriak izan daitezkeela, zuzen erabiliz gero. Baina arriskuek kezkatzen dituzte. «Uste dugu 11 urteko umeak ez daudela prestatuta; haien heldutasuna ez dago prest: ez dituzte arriskuak ikusten», esan du Arrizabalagak. Sopelako Ander Deuna ikastolan, debekatuta daukate umeek telefonoa ikastetxera eroatea. Eroan eta kentzen dietenean umeei «antsietate beldurgarria» sortzen zaiela esan du Ziortza Ruiz ikastolako zuzendari pedagogikoak: «Nabaritzen zaie telefonoagatik edozer egiteko prest daudela, eta beldurgarria da; dependentzia handia dute». Sopelako gurasoek ere antzeko talde bat sortu dute, eta lanean dabiltza iaztik.
Ruizi irakasleek kontatu diote nabaritzen dituztela gailu horien erabilerak ikasleengan zenbait ondorio dutela: «Dena atoan lortu nahi dute. Ez badute lortzen, haserretu egiten dira, biolentzia erabiltzen dute, eta ez dute frustrazioa toleratzen». Horrez gain, ikusi dute hizkeran ere eragina duela, gero eta berbaera «biolentoagoa, sexistagoa eta klasistagoa» dutelako. Arriskuak gehiago direla ohartarazi du Ruizek: «Ikusten dugu begien osasunean eragina duela pantailen erabilerak. Pornografiaren kultura eskura dute. Ludopatian erortzeko arriskua dute. Ziberjazarpena gero eta zabalduago dago. Gauean, lo egiteko arazoak dituzte. Eskolan, arreta falta dute».
Ikusi gehiago: Telmo Lazkano: «Teknologia enpresetako goi kargudunen umeek ez dute sakelakorik erabiltzen»
Ez da erraza gurasoen artean adostasuna lortzea. Ruizek aitortu du iritziak askotarikoak direla: «Guk Lehen Hezkuntzako 5. mailatik erabiltzen ditugu Cromebook-ak ikasgelan; guraso batzuek goizegi dela diote, eta beste batzuek ondo ikusten dute. Telefonoekin berdin geratzen da: badira diotenak etorkizuneko gailuak direla, eta umetatik hasi behar dutela erabiltzen». Arrizabalagak ohartarazi du ezinbestekoa dela gurasoen arteko batasuna; bestela, borroka zailagoa da.
Taldearen garrantzia
Ondarroako Altza Buru taldean izan dituzte Lehen Hezkuntza bukatu aurretik seme-alabei sakelakoa ematearen aldekoak, baina DBHra ailegatu dira, eta oraindik ez diete eman. «Taldea garrantzitsua da guretzat, seme-alabek smartphonea eskatuz egiten diguten presioari aurre elkarrekin egiteko. Gurea da erabakia. Eta garrantzitsua da haientzat ere, ikusten dutelako ez direla bakarrak izango smartphonerik gabe, ez direla izango azkenak jasotzen. ‘Nire lagunen gurasoak ere nireekin daude taldean’, pentsatzen dute; badakite inork ez duela telefonorik lortuko guk taldean erabaki arte, eta badakite eurek ere denek batera jasoko dutela», esan du Arrizabalagak.
Hark aitortu du ´oso gogorra» dela umea etxera eske etorri eta ezetz esan behar izatea. Taldearekin hastean, haien seme-alabak baino urtebete nagusiagoak zirenen erdiek baino gehiagok sakelakoa zuten, eta beldur ziren presio horri aurre egin ahal izango zioten. Orain, DBHn, gehiago dira badutenak, eta presioa areagotu zaie. Hala ere, umeak «lasai» ikusten dituzte. «Badakite zergatik egiten dugun: ulertzen dute». Horretarako ikasleek jaso duten prestakuntza ere lagungarria izan zaie: «Miren Rosekin egon ziren, eta konturatu ziren ez zutela telefonoa behar. Badute Internet etxean. Zertarako behar dute kalean smartphone bat?».
Arrizabalagak eta Ruizek argi dute ez dela soilik familien arazoa. Eskolak ere inplikatu behar du, eta hala egin dute Ondarroan eta Sopelan, ikastoletan. «Askotan, guregan jartzen da ardura, baina gero kalean oso normalizatuta dago smartphoneen erabilera gero eta gazteagoengan. Umeen inguruan gauden guztiok argi izan beharko genuke zeintzuk diren irizpideak, eta koheziketa egin beharko genuke: gurasoek beren ahalmenen arabera eta guk gureen arabera, norabide berean egin beharko genuke boga».
Eragile guztien elkarlana
Ondarroan, esaterako, ohartu dira Zubi Zaharra ikastolak egin dezakeena ez dela nahikoa. «Ikastetxetik irtendakoan, kalean, beste eskoletako umeekin elkartzen dira, eta haiek telefonoa badute, ez dugu ezer lortuko», esan du Arrizabalagak. Horregatik, herriko gainontzeko ikastetxeekin lanean hasi dira ikasturte honetan, eskola publikoan ere helburu berak dituen guraso talde bat sortzeko. Ez hori bakarrik: herriko elkarteekiko elkarlana ere ezinbestekoa dela iruditzen zaie. Futbol eta arraun klubekin hasi dira. «Dagoeneko sortu dituzte Whatsapp taldeak, gure umeekin dabiltzan beste batzuek badutelako smartphonea. Elkarteekin hitz egin behar dugu ikusteko hori zelan landu. Hausnarketa bat egin behar dugu». Arrizabalagaren iritziz, udalak ere konprometitu beharko luke, herriko ikastetxe guztietan gurasoek duten borroka hau neurri berean bultzatu ahal izateko, eta herriko ume guztiek lehen sakelakoa adin bertsuan jaso ahal izateko.
Behin telefonoa emandakoan, modu «osasuntsuan eta egokian» erabil dezaten prestatu behar dira umeak. Ruizek kontatu du askotan gurasoek esaten dietela ez dituztela teknologia berriak behar beste menderatzen. Horregatik deritzo ezinbestekoa denen elkarlana. Esan du umeei ere erabilera egokiaren aldeko konpromisoa eskatu behar zaiela.
|
2023-10-27
|
https://www.berria.eus/albisteak/234475/telmo-lazkano-teknologia-enpresetako-goi-kargudunen-umeek-ez-dute-sakelakorik-erabiltzen.htm
|
Telmo Lazkano: «Teknologia enpresetako goi kargudunen umeek ez dute sakelakorik erabiltzen»
|
Telmo Lazkano: «Teknologia enpresetako goi kargudunen umeek ez dute sakelakorik erabiltzen».
|
Bi fenomeno agertu dira azken hamarkadan: smartphoneekiko adikzioa eta buruko gaitzen ugaritzea nerabeen artean. Bien arteko lotura agerikoa dela esan du Telmo Lazkano irakasle eta sare sozialetan adituak (Zumaia, Gipuzkoa, 1994). Nerabeen garrasia. Osasun mentala aldaketa garaian liburua aurkeztu du asteon, Maitane Ormazabalekin batera. Datorren hilabetean Sopelako Ander Deuna ikastolan egongo da Lazkano, gurasoei eta langileei prestakuntza ematen.
Ume batek smartphone bat erabil dezake? Egokia da?
Modu autonomoan ez luke erabili behar. Ez gara ari teknologia neutro baten inguruan; baizik eta adikzio handia sortzen duten osagaiak dituen zerbaiti buruz. Teknologia guztiak bezala, erantzun behar diote ez eskakizun emozional bati, baizik eta gaitasun edo behar ebolutibo batzuei.
Noiz arte ez daude prest?
Adituek 16 urtetan jarri dute muga. Teknologia enpresetako goi kargudunen seme-alabek ez dituzte erabiltzen 16 urtera arte. Sare sozialak, legez, ezin daitezke erabili 14 urte izan arte.
Zer arrisku dituzte?
Zenbat eta goiztiarragoa izan kontaktua, handiagoa izango da eragina. Helduengan ere eragina du, baina guk gure balioak, autoestimua eta identitatea eraikita dauzkagu, eta gailu hauen influentziarik gabe. Nerabeen kasuan, sare sozialen bitartez jasotzen dituzten imput-ek baldintzatzen dituzte haien balioak, autoestimua eta identitatea. Ikusi behar dugu nola eragiten dien maila kognitiboan, lengoaian, emozioetan, osasun mentalean eta portaeran. Baina kontuan hartu behar dugu zer kentzen digun ere. Euskal Herrian nerabe batek, batez beste, bospasei ordu pasatzen ditu sakelakoarekin egunean. Denbora kentzen ari gara naturari, kirolari, gure emozioekin konektatzeari, arteari, sormenari eta, batez ere, gure arteko harremanei, eta arriskutsua da. Inoiz baino konektatuago gauden mundu honetan, itzela da bakardade sentimendua.
Telefonoen erabilera eta buruko osasuna lotuta daudela diozu. Zergatik?
Hori horrela dela frogatuta dago: erabilera goiztiar eta desegoki batek eragina du buruko osasunean, eta zenbat eta gazteago, orduan eta agerikoagoa. Sakelakoaren erabilerak hainbat arrazoigatik kalte egiten dio osasun mentalari: presio emozional baten menpe bizitzea, ni ideala erakutsi behar izatea eta horretara ez iristea, nerabezaroan beharrezkoa den errekonozimendu soziala jarraitzaile eta atsegin dut kopuruak neurtzen du… Enpresa horiek ere aitortu dute eragina duela nerabeen osasun mentalean. 2020an, The Wall Street Journal-en argitaratutako dokumentuetan, Facebookek —orain Meta— Instagramen erabilerarekin lotu zituen AEBetako nesken suizidioen %6; Erresuma Batuan %13 da datu hori. Erresuma Batuan, nerabeen %32ri beren gorputzarekiko sentsazio desatsegina eragiten die. Kontuan izan Metak 2,9 mila milioi erabiltzaile dituela.
Nola prestatu nerabeak?
Sare sozialak atentzioaren ekonomian oinarritzen dira, osagai psikologiko indartsuak dituzte, eta oso onak dira gure atentzioa erakartzen. Baina, kontuz, txanponaren ifrentzua ere kontuan hartu behar da. Nire behar psikoemozioanalak aseta dauzkat edo telefonoa erabiltzen dut asetzeko? Ahalik eta atsegin dut gehienen bila nabil? Zergatik? Gurasoekin egoten naiz, edo nahiago dut logelan itxi eta sakelakoarekin ibili? Zergatik? Bi aldeak begiratu behar dira, bien erkaketa gertatzen baita. Liburuan bost oinarri nagusi jarri ditugu. Lehena, adina errespetatzea. Bigarrena, heziketa integrala familietan eta eskoletan; teknologian hezi behar ditugu. Hirugarrena, helduok bidelagun eta eredu izatea; familiei eta umeei laguntzen die bidelagunak izateak, bakarrik ez sentitzeak. Laugarrena, legedi koherente bat eta aplikazio seguruagoak izatea. Azkena, inteligentzia emozionala garatzea: Paleolitoko emozioak ditugu, Erdi Aroko instituzioak, eta jainkoen pareko teknologia, eta, ondorioz, amildegi bat sortu da.
|
||
2023-10-27
|
https://www.berria.eus/albisteak/234476/igandean-jokatuko-da-bizkaiko-bertsolari-txapelketako-azken-aurreko-kanporaketa-igorren.htm
|
Kultura
|
Igandean jokatuko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako azken-aurreko kanporaketa, Igorren
|
Aissa Intxausti, Asier Galarza, Eneko Aldana, Janire Arrizabalaga, Jone Larrinaga eta Oihana Bartra bertsolariek kantatuko dute. Azaroaren 1ean izango da azken kanporaketa.
|
Igandean jokatuko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako azken-aurreko kanporaketa, Igorren. Aissa Intxausti, Asier Galarza, Eneko Aldana, Janire Arrizabalaga, Jone Larrinaga eta Oihana Bartra bertsolariek kantatuko dute. Azaroaren 1ean izango da azken kanporaketa.
|
Bizkaiko Bertsolari Txapelketako azken-aurreko kanporaketa jokatuko da igandean, Igorren. Lasarte aretoan izango da, 17:00etan, eta bertsolari hauek kantatuko dute: Aissa Intxausti, Asier Galarza, Eneko Aldana, Janire Arrizabalaga, Jone Larrinaga eta Oihana Bartra. Gai jartzaile, berriz, Amaia Ugalde arituko da.
Saioaren irabazlea zuzenean sailkatuko da Lemoako finalaurrekorako, eta gainontzeko bertsolariek puntuazioaren arabera izango dute hurrengo fasean kantatzeko aukera. Hain zuzen, azaroaren 1ean jokatuko da, asteazkenean, azken kanporaketa, Lekeition, eta orduan argituko da zein bertsolari arituko diren finalaurrekoetan.
Lekeitioko saioan, bertsolari hauek hartuko dute parte: Aitor Arrutia, Beñat Bilbao, Eneko Abasolo Abarkas, Koldo Gezuraga, Maite Sarasola eta Peru Irastortza. Sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian.
Arabako azken kanporaketak, asteburuan
Bihar eta igandean jokatuko dira Arabako Bertsolari Txapelketako azken bi kanporaketak, eta orduan jakingo da zer bertsolari izango diren urtarrilean hasiko den txapelketan.
Seina bertsolarik kantatuko dute asteburuko saio bakoitzean. Bihar, Legution, hauek arituko dira: Rikardo Gonzalez de Durana, Ekaitz Samaniego, Danel Herrarte, Eukene de los Aires, Hegoi Amabizka eta Izar Mendiguren. Araian izango den igandeko azken kanporaketan, berriz, hauek: Asier Otamendi, Manu Bendala, Oier Arbina, Aitor Najera, Aroa Arrizubieta eta Eli Zaldua.
|
2023-10-28
|
https://www.berria.eus/albisteak/234477/israelgo-armadak-lurreko-eta-aireko-erasoak-areagotu-ditu-gazan.htm
|
Mundua
|
Israelgo armadak lurreko eta aireko erasoak areagotu ditu Gazan
|
Hamasek menia bat eskatu dio Tel Avivi, bahitutakoak askatzearen truke. Israel prest dago horren truke «zerbait emateko», baina oraindik ez du zehaztu zer. Israelgo bonbardaketen ondorioz, bertan behera gelditu dira Gazako telekomunikazio zerbitzuak.
|
Israelgo armadak lurreko eta aireko erasoak areagotu ditu Gazan. Hamasek menia bat eskatu dio Tel Avivi, bahitutakoak askatzearen truke. Israel prest dago horren truke «zerbait emateko», baina oraindik ez du zehaztu zer. Israelgo bonbardaketen ondorioz, bertan behera gelditu dira Gazako telekomunikazio zerbitzuak.
|
Gerra deklaratu zuenetik, asmo irmo bat izan du Israelek: Gazari airez, itsasoz eta lehorrez eraso egitea, eta «lehorreko ofentsiba handi bat» abian jartzea. Azken egunetan, Israelgo armada lehorrez ere sartu da Gazan, eta aurrerantzean «lehorreko ofentsiba» horiek «hedatu» egingo ditu Gazan, horko bozeramaile Daniel Hagariren arabera. Ez du xehetasun gehiagorik eman, baina egunotako erasoaldiak izan dira eraso handiago baten adierazle: itsasoz egin zuten eraso asteazkenean eta herenegun, eta bonbardaketa gogor bat egin zuten atzo arratsaldean Gaza iparraldean. Bart gauean aireko erasoak ere areagotu ditu Israelek; lur azpiko 150 azpiegituratik gora suntsitu ditu zerrendaren iparraldean.
Bonbardaketak ez dira kontu berria, hogei egunez jarraian Israelek ia etengabe egin baititu Gazaren aurkako aire erasoak. Atzoko erasoaldian, ordea, ia bakartuta utzi du Gazako zerrenda. Bonbardaketen ondorioz, bertan behera gelditu dira eremuko telekomunikazio eta Internet zerbitzu guztiak, Palestinako Jawwal telekomunikazio agentziak jakinarazi duenez. Hainbat GKE gobernuz kanpoko erakundek eta Al-Jazeera telebista kateak ere ohartarazi dute han dauden lankideekin hitz egin ahal izan gabe gelditu direla.
Bien bitartean, adostasun batera iritsi nahian dabiltza Tel Aviv eta Hamas. Urriaren 7ko erasoalditik Hamasek 229 pertsona dauzka bahituta Gazan, Israelgo armadak gaur jakinarazi duenez. Israelgo irrati kate publiko batean adierazi dute ezen, talde islamista palestinarrak bahitu kopuru esanguratsu bat askatuz gero, Tel Aviv prest legokeela zerbait emateko trukean. Hala jakinarazi diete Qatarko bitartekariei —eginkizun hori jokatzeko prest agertu da Qatar, Turkiarekin eta Egiptorekin batera—.
Ez dute zehaztu, ordea, zer emango duten trukean, nahiz eta, adierazi dutenaren arabera, litekeena den erregaia ez izatea, Hamasek hura erabiltzea eragozteko. Nazioarteak eskatzen du, ordea, Rafahko pasabidetik sartzen ari diren laguntza humanitarioko konboiek erregaia ere garraiatzeko, zerrendako argindar sistema eta ur zerbitzua aktibatzeko.
Oraindik adostasunik iritsi ez den arren, «bide onetik doa» bi aldeen arteko eztabaida, eta, baliteke, su eten bat ere adostu ahal izatea, BBCk negoziazio horiek gertutik jarraitzen ari den iturri bat aipatuz kaleratu duenez. Izan ere, Hamasek dioenez, ezin du bahiturik askatu gerran dauden aldeek su eten akordio bat egin arte.
Gazako miliziek Israeli eraso egin zioten urriaren 7an, eta 1.400 lagun inguru hil zituzten. Israelek Gaza guztiz blokeatuz erantzun du, eta hura setiatuz, bonbardaketa ia egunerokoen bidez. Israelen etengabeko bonbardaketen ondorioa da 7.326 pertsona hil dituztela dagoeneko; horietatik, 3.000 adingabeak. Datu hori eman du Gazako Osasun Ministerioak gaur, eta iturri horrek berak 6.700 hildakoren erregistro bat kaleratu du, haien izen-abizenekin.
Hamasek menia eskatzen du bahituak askatzearen truke, eta, Errusiak, Txinak, Saudi Arabiak, Jordaniak, Egiptok eta Qatarrek salbu, nazioartean beste inork ez du aukera hori babesten. Izan ere, EB Europako Batasuneko estatu kideek «eten humanitario bat» eskatzea adostu dute gehienez. NBE Nazio Batuen Erakundea ere antzera mintzo da. Ekialde Hurbileko hainbat estatuk —eta Marokok—, berriz, Gazako zibilen aurkako «zigor kolektiboa» gaitzetsi zuten atzo, adierazpen bateratu batean.
Gaza, «itotzen»
NBE Nazio Batuen Erakundeak berriro ohartarazi du oinarrizko zerbitzuak «suntsitzear» daudela Gazan, Israelen blokeoarengatik eta Rafahko pasabidetik laguntza humanitario eskasa iristen ari delako. Hori nabarmendu du UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoko zuzendari nagusiak, gaur, Jerusalemen, agerraldi batean. Nabarmendu du, gainera, horren guztiaren ondorioz «berehalakoa» dela han gaixotasunak hedatzeko arriskua.
Gainera, «errotik» murriztu behar izan dute erregaiaren erabilera. NBEren beste agentzia batek, MEP Munduko Elikadura Programak, azpimarratu du erregai gabezia «domino efektu bat» eragiten ari dela hornidura kate guztian, kamioiek ere, besteak beste, erregaia behar dutelako elikagaiak banatzeko. Hori azaldu du MEPek Palestinan duen ordezkari Samer Abdeljaberrek, ohar batean, eta datu bat eman: «MEPen laguntza jaso duen pertsona bakoitzeko, gutxienez sei gehiagok behar dute».
|
2023-10-27
|
https://www.berria.eus/albisteak/234478/zaintza-sistema-publikoa-ardatz-duen-osasungintza-bat-eskatu-dute.htm
|
Gizartea
|
Zaintza sistema publikoa ardatz duen osasungintza bat eskatu dute
|
Osasungintza publikoaren eredua aldatzea galdegin du OPA koordinakundeak. Osasun publikoaren alde azaroaren 11n Bilbon, Donostian eta Gasteizen manifestatzera deitu ditu herritarrak.
|
Zaintza sistema publikoa ardatz duen osasungintza bat eskatu dute. Osasungintza publikoaren eredua aldatzea galdegin du OPA koordinakundeak. Osasun publikoaren alde azaroaren 11n Bilbon, Donostian eta Gasteizen manifestatzera deitu ditu herritarrak.
|
Osasun publikoaren egoerarekin ezinegona agertu du maiz OPA koordinakundeak —osasungintza publikoaren aldeko herri plataformak biltzen ditu—, eta pribatizazio eta murrizketa asmoen aurka mobilizazio ugaritara deitu izan du. Pauso bat harago joatea erabaki du orain, eta osasun arloaren «eredua aldatzea» proposatu du: mugimendu feministaren aldarriei helduta, «zaintza sistema publikoa, duina eta kalitatezkoa» oinarri izango duen osasun publiko berri bat eskatu du plataformak. Manifestu batean jaso ditu osasun-sistema eredu berri horretarako ardatzak, eta atxikitzeko deia egin die gizarte eragileei. Halaber, azaroaren 11rako deitutako manifestazioetan parte hartzera deitu ditu herritarrak; Bilbon, Donostian eta Gasteizen egingo dituzte manifestazioak, osasun publikoaren alde. Bilboko manifestazioa Bihotz Sakratutik abiatuko da, 12:00etan; Donostiakoa, Bulebarretik, 17:00etan; eta Gasteizkoa, Bilbo plazatik, 12:00etan. Osasun publikoaren aldeko herri plataformek agerraldia egin dute Gasteizen manifestua eta manifestazio deialdiak aurkezteko. Iritzi diote behar-beharrezkoa dela egungo osasun sistema aldatzea, eta hiru zutaberen gainean eraikitzea. Lehena: «Beharrezkoa da osasuna politika guztietan txertatzea eta gure bizi baldintzak zehazten dituzten faktoreei heltzea». Bigarrena: «Guztiz publikoa den osasun sistema bat egituratu behar da, kalitatezko eta bidezko irisgarritasun unibertsala bermatuko duena». Eta hirugarrena: «Gaur egun ia existitzen ez den osasun kudeaketako gardentasuna bermatu behar da, edonork ulertzeko moduko datuak emanez». Premiazkotzat jo dute lehen mailako arreta «birsortzea», osasun laguntzako sistemaren «giltzarri» bihur dadin. Horretarako, hainbat neurri proposatu dituzte: besteak beste, lehen arretako lan talde berak egitea paziente baten osasun arazoen jarraipena, aurrez aurreko arreta lehenestea, eta beharrezkoak diren baliabideez hornitzea. Gainera, pribatizazioaren aldeko pausoak «geldiarazteko» eskatu dute. Uste dute funtsezkoa dela bateraezintasun medikoa berreskuratzea, eta kritikatu dute mutualitateek bi osasun sistema desberdin sortzeko erabiltzen duten estrategia. Osasun publikoak herritarren hizkuntza eskubideak erabat bermatzeko ere eskatu dute.
|
2023-10-27
|
https://www.berria.eus/albisteak/234479/palestinaren-aldeko-bi-manifestazio-debekatu-ditu-prefeturak.htm
|
Politika
|
Palestinaren aldeko bi manifestazio debekatu ditu prefeturak
|
Gaur arratserako protesta antolatu dute Maulen, eta bihar arratsalderako manifestazioa Baionan
|
Palestinaren aldeko bi manifestazio debekatu ditu prefeturak. Gaur arratserako protesta antolatu dute Maulen, eta bihar arratsalderako manifestazioa Baionan
|
Pirinio Atlantikoetako Prefeturak Palestinaren alde antolatutako bi mobilizazio debekatu ditu, beste behin. Zuberoako BDZ taldeak deitutakoa da lehena: gaur arratserako emana dute ordua, Mauleko Kurutze Xurian Palestinako sarraskia gelditu! lelopean. Bigarrena bihar arratsalderako hainbat militantek deitua da Boikot Israel, Palestina askatu! lelopean. 17:00etan abiatzekoa da, Baionako tren geltokitik.
Julien Chales prefetak agerraldia egin zuen atzo arratsaldean kazetarien aitzinean. Hizpide izan zituen Palestinako herriarekiko elkartasunez azken asteetan antolatzen ari diren mobilizazioak. Joan den astean Baionako Herriko Etxean antolaturiko protesta zergatik debekatu zuten galdetuta, zehaztu zuen debekuak emateko irizpidea «ordena publikoa trabatzeko arriskua» dela, eta horretarako dituzten «seinaleak» erabiltzen dituztela egoera aztertzeko; besteak beste, informazio zerbitzuek emanak. «Mezu arrazistak eta antisemitak» zabaltzeko arriskua aipatu zuen.
Ikusi gehiago: Gernika-Palestina ekinaldiak «mobilizatzen jarraitzeko deia» egin du
Joan den astean Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak deitutako protestan arrisku hori zein seinalek eman zien galdetuta, prefetak erantzun zuen ez dela «biziki ongi oroitzen». Frantziako Estatu Kontseiluak joan den astean bertan behera utzi zuen Barne Ministerioak Palestinaren aldeko manifestazioei ezarritako debeku sistematikoa, eta prefeten esku utzi zuen erabakia. Haatik, zehaztu zuen Palestinarekiko elkartasuna ez zela nahikoa motibo debekua ezartzeko.
Asteburu honetarako antolatuak diren mobilizazioen debekuei buruz xehetasunak eskatu dizkio BERRIAk prefeturako komunikazio zerbitzuari, baina oraingoz ez du erantzunik jaso.
|
2023-10-27
|
https://www.berria.eus/albisteak/234480/jaume-roures-mediaprotik-at-geldituko-da-akziodun-nagusiak-hala-behartuta.htm
|
Bizigiro
|
Jaume Roures Mediaprotik at geldituko da, akziodun nagusiak hala behartuta
|
Rouresek berak sortu zuen Mediapro, 1994an, Tatxo Benetekin eta Gerard Romy Belillosekin batera. Azkeneko urteetan, konpainiak botere handia izan du kirol eskubideen alorrean. Tatxo Benetek Mediapron jarraituko du, presidente eta kontseilari ordezkari gisa.
|
Jaume Roures Mediaprotik at geldituko da, akziodun nagusiak hala behartuta. Rouresek berak sortu zuen Mediapro, 1994an, Tatxo Benetekin eta Gerard Romy Belillosekin batera. Azkeneko urteetan, konpainiak botere handia izan du kirol eskubideen alorrean. Tatxo Benetek Mediapron jarraituko du, presidente eta kontseilari ordezkari gisa.
|
Sortu zuen enpresa utzi egin behar izan du Jaume Rouresek (Bartzelona, 1950), 73 urterekin. 1984an, katalanezko TV3 katearen sorreran parte hartu zuen, eta han lan egin zuen urte batzuetan. 1994. urtean, berriz, Mediapro konpainia sortu zuen, Bartzelonan, Tatxo Benet eta Gerard Romy Belillos bazkideekin batera. Europako ekoiztetxe garrantzitsuenetakoa bilakatu da Mediapro, eta, orain, Roures enpresa uztera behartu dute enpresako bazkide nagusiek: Txinako Orient Hontai funtsekoek. Haiena da Mediaproren kapitalaren %80. Benetek Mediapron jarraituko du, presidente eta kontseilari ordezkari.
2005ean, Mediaprok La Sexta kate pribatuaren sorreran esku hartu zuen. Público egunkariaren sorreran ere parte hartu zuen Rouresek; 2012an, egunkariak paperean argitaratzeari utzi zion, bi erregulazio txostenen bidez langile guztiak kaleratu ostean.
Mediapro azkeneko bi hamarkadetan eragile garrantzitsua izan da kirol eskubideen alorrean. Tartean izan dira futboleko telebista eskubideen gaineko hainbat auzi. Rouresek sortutako konpainiak 7.000 langile ditu, eta herrialde ugaritan ekoizten ditu filmak, dokumentalak eta telesailak. Mediaprok Roures gabe egingo du bidea aurrerantzean, ordea —konpainian dituen akzioen %5ekin zer gertatuko den ez dute argitu, baina saldu egingo dituela espero da—.
|
2023-10-27
|
https://www.berria.eus/albisteak/234481/aebek-iranekin-lotutako-helburuei-eraso-egin-diete-sirian.htm
|
Mundua
|
AEBek Iranekin lotutako helburuei eraso egin diete Sirian
|
Pentagonoaren arabera, Iranek babestutako miliziek hilabete honetan aurrez hainbat aldiz eraso egin diotelako erabaki du bonbardatzea. Israelek beste sartu-irten bat egin du, lurrez, Gazan
|
AEBek Iranekin lotutako helburuei eraso egin diete Sirian. Pentagonoaren arabera, Iranek babestutako miliziek hilabete honetan aurrez hainbat aldiz eraso egin diotelako erabaki du bonbardatzea. Israelek beste sartu-irten bat egin du, lurrez, Gazan
|
Ekialde Hurbilean areagotzen ari da tentsioa. AEBek jakinarazi dute Irango Guardia Iraultzaileak eta islamiar errepublika horrek babestutako talde armatu batzuek Siria ekialdean dituzten bi instalaziori eraso egin dietela gaur. Pentagonoak argudiatu du erabaki hori hartu dutela azkeneko hilabetean gutxienez hamasei aldiz eraso egin dietelako AEBek eta bere aliatuek Iraken eta Sirian dituzten posizioei, eta horien atzean Iranek babestutako miliziak daudela.
Lloyd Austin AEBetako Defentsa idazkariak ohar batean nabarmendu duenez, bonbardaketa horiek, nolanahi ere, ez dute zerikusirik Gazaren eta Israelen arteko gerrarekin. «Diferenteak dira, eta ez dute aldaketa bat adierazten Israelen eta Hamasen arteko gerrari dagokionez dugun ikuspegian». Washingtonek Israel babesten du, eta biek etsai dute Iran. Islamiar errepublika horrek plazaratu izan du, hain zuzen, ez duela baztertzen «prebentziozko ekintza bat» egitea Israelen aurka. Iranen aliatua da Hezbollah milizia. Horrek eta Tel Avivek borrokak eduki dituzte, azken asteetan, Libano eta Israel arteko mugan.
Eskualdean tentsioa gora egiten ari den honetan, Irango armadak ariketa militarrak hasi ditu Isfahan probintzian, herrialdearen erdialdean. Horien helburua da «borrokarako unitateen gaitasuna aztertzea», maniobren bozeramaile Karim Cheshakek Mehr albiste agentzian adierazi duenez.
Eta Israelgo armadak jakinarazi du duela bi egun egin bezala berriro lurrez sartu dela Gazan, gaur goizaldean. X sare sozialean kaleratu duen ohar batean azaldu duenez, operazio horretan soldaduak eta blindatuak zerrendaren erdialdera sartu dira «helikopteroen eta droneen laguntzarekin», eta «dozenaka helbururi» eraso egin diete. Ondoren Yoav Gallant Defentsa ministroak agerraldi batean azaldu duenez, lurretik egin asmo duten erasoaldia «luzea eta zaila» izango dela espero dute.
Gazako iturri ofizialek jakinarazi dutenez, goizaldeko eraso horien ondorioz hogeitik gora lagun hil dira: hamabi Khan Yunisen, zerrendaren hegoaldean, eta beste hamar inguru Gaza hirian, iparraldean. Zisjordania okupatuan ere erasoak egin ditu Israelek, sarekaden bidez. Wafa Palestinako berri agentziaren arabera, lau palestinar hil dituzte, hamabost zauritu, eta hemeretzi atxilotu.
Israelek ez du Gazan lurretik egin asmo duen inbasioa oraindik hasi, AEBek hala eskatuta. Hori kaleratu du asteon The Wall Street Journal egunkariak, Pentagonoko eta Tel Aviveko iturriak aipatuz. Horien arabera, itxarongo du AEBek Ekialde Hurbilean defentsa sistema berriak ezarri arte.
|
2023-10-28
|
https://www.berria.eus/albisteak/234482/ikusi-kontseiluaren-oldarraldi-judizialari-buruzko-jardunaldiak.htm
|
Gizartea
|
Ikusi Kontseiluaren oldarraldi judizialari buruzko jardunaldiak
|
Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean egin dituzte, goiz osoan zehar: 'Legezko zoru bat euskararentzat' izena jarri diete.
|
Ikusi Kontseiluaren oldarraldi judizialari buruzko jardunaldiak. Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean egin dituzte, goiz osoan zehar: 'Legezko zoru bat euskararentzat' izena jarri diete.
|
Legezko zoru bat euskararentzat izena jarri die Euskalgintzaren Kontseiluak gaur egin dituen jardunaldiei; euskararen normalizazioa sustatzeko neurri eta arauen kontra ebatzi diren epaien inguruan mintzatu dira, asko eta askotarikoak izan baitira azken hilabeteetan, eta horien atzean dagoen «oldarraldi judizialaren» gaineko kezka aspaldi adierazten ari baita euskalgintza. Azaroaren 4an manifestazioa egingo da Bilbon, justiziaren esku hartze horiek auzitan jartzeko, eta justu deialdi horren atarian antolatu nahi izan ditu Kontseiluak jardunaldiak.
Euskararen normalizazioan aurrera egite aldera, eta agerian geratzen ari diren traba guztiak ikusita, Kontseiluak uste du ezinbestekoa dela «lege jokalekuaz» gogoeta egitea, eta horixe da, hain justu ere, jardunaldien asmoa. «Aztertzea zein den egungo testuingurua eta zeintzuk diren egin beharreko urratsak euskarak legezko zoru bat izan dezan». Euskalgintzaren Kontseiluak eta Eusko Ikaskuntzak lankidetzan antolatu dituzte jardunaldiak. BERRIAren webgunean zuzenean ari dira ematen.
Bi mahai inguru egin dituzte. Lehenean, Nork eta zeren arabera epaitzen du euskara? izenburuarekin, Iñigo Urrutia legelariak eta Unai Iturriotz abokatuak parte hartu dute, Zelai Nikolas legelariak moderatuta. Bigarrenean, Hizkuntza eskubideak giza eskubide. Aukera bat berdintasunerako? izenburupean, Benet Salellas legelari katalanak, Andoni Barreña Garabide hizkuntz lankidetza elkarteko ordezkariak eta Paul Bilbao Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren bideratzaileak hitz egin dute; Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak moderatu ditu mintzaldi horiek.
|
2023-10-27
|
https://www.berria.eus/albisteak/234483/gipuzkoako-caritasek-ohartarazi-du-gero-eta-pertsona-gehiago-artatzen-dituela.htm
|
Gizartea
|
Gipuzkoako Caritasek ohartarazi du gero eta pertsona gehiago artatzen dituela
|
Aurtengo irailera bitarte, 758 pertsona artatu ditu erakundeak. Gizonak, atzerritarrak eta 45 urtetik beherakoak dira gehienak
|
Gipuzkoako Caritasek ohartarazi du gero eta pertsona gehiago artatzen dituela. Aurtengo irailera bitarte, 758 pertsona artatu ditu erakundeak. Gizonak, atzerritarrak eta 45 urtetik beherakoak dira gehienak
|
Datorren igandean, hilaren 29an, etxerik gabekoen eguna izanen da. Hala, urriro egiten duten moduan, Caritasek haien inguruko sentsibilizazio kanpaina bat abiatu du aurten ere. Erakunde horrek Gipuzkoan duen delegazioak Donostian egin du agerraldia: beren lanaren berri eman dute, eta esku artean dituzten bost proiektuak azaldu dituzte. 2023ko urtarriletik irailera bitarte 758 pertsona lagundu ditu Gipuzkoako Caritasek. Profil oso jakin batekoak dira pertsona horiek: gizonak, atzerritarrak –Maroko eta Aljeriakoak, gehienbat– eta 45 urte baino gutxiagokoak.
Rosa Hernandez Etxebizitza eta Harrera Etxeak departamentuko burua eta Sergio Corchon Etxerik Gabekoen Departamentuko burua izan dira solasaldian. Azaldu dute azken urtean gora egin duela laguntza eskatu duenen kopuruak: 2022an 750 pertsona lagundu baitzituzten. Profila, baina, berdintsua da. Hernandezek azaldu du Gipuzkoako Caritasek laguntzen dituen pertsonen erronka nagusiak hiru direla: errolda, etxebizitza eta enplegua.
Lehenbizikoa da, baina, garrantzitsuena, zuzenean baldintzatzen baititu bertze biak. «Etxerik ez duten pertsonek errolda lortzen dute, baina oso zaila da. Gakoa errolda soziala da, baina oso udal gutxik eskaintzen dute: Irunek eta Donostiak, nik dakidala», erran du Corchonek. Errolda mota hori etxebizitza finkorik ez duten horiendako baina baldintza batzuk –Gizarte Zerbitzuekin izandako harremanei lotutakoak dira gehienak– betetzen dituztenendako izan ohi da.
Etxebizitzari dagokionez, Corchonek dio etxegabeei laguntzen dietela aterpeetatik logeletara igarotzen, Caritasek berak diru laguntzak emanez, adibidez. Hala ere, «oso zaila izan ohi da pertsona horientzat logelak aurkitzea». Enpleguarekin ere antzeko zerbait gertatu ohi dela erran du Hernandezek, errolda behar baitute lanean hasteko: «Zailtasun asko dituen inklusio prozesu bat da».
Erronka horiei aurre egiteko bost programa ditu Gipuzkoako Caritasek: Hotzaldi, Aterpe, Trintxer, Emeki eta Sorabilla. Guztiek laguntza psikosoziala dute. Hotzaldin gaua bakarrik pasatzen ahal da, baina gosariak eta afariak ere ematen dituzte. 30 lagunendako lekua du, eta «lan egiteko gogo asko» dutenak egon ohi direla erran du Corchonek.
Aterpen, berriz, gaua eta eguna igarotzen ahal dira, eta jantoki soziala du. «Kaltetuago dauden pertsonentzat» dela dio Corchonek. Trintxer eta Emeki programak, berriz, eraikin berean daude, Pasaian. Trintxerrek baztertuta dauden gizonak laguntzen ditu, eta Emekik, berriz, gizarteratze prozesuan dauden emakumeak. Sorabilla sozialki baztertuta dauden gazteentzat da.
Laguntza sarea
Programa horiek guztiak bertan lan egiten duten 236 boluntarioei esker daude martxan. «Oinarrizko gizarte eta harreman laguntza eskaintzen diete [boluntarioek erabiltzaileei], eta, horrez gain, ingurune komunitarioekin duten lotura egonkorra da», dio Hernandezek. Izan ere, etxerik gabekoek ez ohi dute familiarik, lagunik edo, oro har, sarerik izaten. Horregatik, boluntarioen babesa «funtsezkoa» da.
Hala, bi-biek jakinarazi dute Gipuzkoako Caritas «ahalegin berezia» egiten ari dela «aisialdi inklusiboa sustatzeko». Adibide gisa jarri dute Hotzaldin egoten diren gazteak Zinemaldira joan zirela, edo Trintxer-Emekin zeudenak San Telmo museoan egon zirela. Horrez gain, jakinarazi dute datorren igandean Trintxer-Emekin ateak irekitzeko eguna izanen dutela, auzokideek bertan bizi direnak ezagutu ditzaten.
|
2023-10-27
|
https://www.berria.eus/albisteak/234484/urkullurentzat-tamalgarriak-dira-ibarra-epaileburu-ohiaren-adierazpenak.htm
|
Gizartea
|
Urkullurentzat, «tamalgarriak» dira Ibarra epaileburu ohiaren adierazpenak
|
Euskararen kontrako epaiei buruzko kritikak eta «sufrimenduaren sozializazioa» nahastu izana txarretsi du EAEko lehendakariak.
|
Urkullurentzat, «tamalgarriak» dira Ibarra epaileburu ohiaren adierazpenak. Euskararen kontrako epaiei buruzko kritikak eta «sufrimenduaren sozializazioa» nahastu izana txarretsi du EAEko lehendakariak.
|
Ika-mika eragin dute Juan Luis Ibarra Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko presidente ohiak atzo Buesa fundazioaren ekitaldi batean eginiko adierazpenek. Epaitegietan euskararen aurka eginiko azken erasoak kritikatzea «indarkeria politikoaren kultura» delakoarekin lotu zuen Ibarrak, eta gogor jo zuen Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren kontra, epaiak salatzeagatik. Azken horrek gaur erantzun dio epaile ohiari, eta haren adierazpenak «tamalgarriak» direla adierazi. «Zer garen eta nor garen erakusten dugu gure hitzekin»
«Adierazpen askatasuna da, azken batean», esan duenez, eta azaldu du badagoela epaileak eta haiek emaniko ebazpenak kritikatzerik, politikariak kritikatzea zilegi den bezala. «Euskara tarteko delarik zer-nolako ebazpenak egin diren ikusita, horren harira kritika bat egin edo iritzi bat ematea Oldartzen ponentziarekin lotzea gaur egun, bizi izan duguna bizi izanda, eta euskararekin lotzea? Tamalgarria da».
Arabako Teknologia Parkera eginiko bisita batean egin ditu adierazpenak, kazetariek Ibarraren hitzen inguruan galdetuta.
Ibarra EAEko Auzitegi Nagusiko burua izan zen 2010etik 2020an erretiroa hartu zuen arte.
Urkullu ez ezik, Bingen Zupiria Jaurlaritzaren eleduna ere hartu zuen Ibarrak gogoan, besteak beste.
EAEko Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi ditu EAEko udal legea euskararen alorrean garatzeko dekretuaren hainbat artikulu, Vox alderdi ultraeskuindarrak salatu ostean. Ebazpenaren berri jakitean, hizkuntza eskubideak errespetatzeko eskatu zuen Urkulluk. Eta Zupiriak salatu zuen euskararen ofizialtasuna «zalantzan» jartzen ari direla epai horiek.
Atzo, Ibarrak esan zuen Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduak epaileei «zilegitasuna kentzeko eginiko kanpainen oihartzuna» dutela kritika horiek, eta nabarmendu zuen «sufrimendua sozializatzeko estrategiaren barruan» egin zirela kanpaina haiek.
Urkullu eta Zupiriaren kontra jotzeaz gain, Kontseiluak deituriko protestak deitoratu zituen, argudiatuta «indarkeria politikoaren kulturak» epaileen aurka zabalduriko diskurtsoaren «oihartzuna» sumatu zuela horietan.
Euskararen aurkako «oldarraldi judizialaren» kontrako manifestazioa egingo da azaroaren 4an, Bilbon. Euskalgintzaren Kontseiluak antolatu du protesta, eta atxikimendu ugari jaso.
Enpresarien «barkamena»
Ibarraren adierazpenak ez dira euskararen aurkako oldarraldiaren aste honetako atal bakarra. Astelehenean, familia enpresen kongresu baten hasieran izan zen Urkullu, Bilbon, Euskalduna jauregian, eta hitza hartu zuen euskaraz eta gazteleraz. Euskaraz egin zuenean, murmurioka eta eztulka hartu zuten hainbat entzulek. Urkulluk etenaldia egin zuen, berriz hitz egiten hasi aurretik.
Asteazkenean, euskarafoboen jarrera txarretsi zuen, eta gogoratu EAE Euskal Autonomia Erkidegoan hizkuntza ofizial bi daudela, Espainiako herritarrek ere hori jakiteko «obligazioa» dutela eta euskal herritarrek hizkuntza bietan arta jasotzeko «eskubidea» dutela.
Zupiriak asteartean adierazi zuen «norbaitek barkamena eskatu beharko lukeela» euskarari eta lehendakariari eginiko mespretxuarengatik. Urkulluk berak atzo nabarmendu zuen ez zuela barkatzeko eskaerarik jaso ez asteartean, ezta asteazkenean ere. Azkenean, gaur baieztatu dute ekitaldia antolatu zuen Familia Enpresen Institutuaren presidente Andres Sendagortak barkamena eskatu diola Urkulluri, eta CEOE Espainiako Enpresaburuen Elkarteen Konfederazioko presidente Antonio Garamendik, zeinak ekitaldian parte hartu baitzuen, sostengua adierazi diola afera honetan.
|
2023-10-27
|
https://www.berria.eus/albisteak/234485/araba-euskaraz-ekainaren-16an-egingo-dute-olarizun-mugaezin-lelopean.htm
|
Gizartea
|
Araba Euskaraz ekainaren 16an egingo dute, Olarizun, ‘Mugaezin’ lelopean
|
Oiongo San Bizente ikastolari bultzada ematea izango dute xede.
|
Araba Euskaraz ekainaren 16an egingo dute, Olarizun, ‘Mugaezin’ lelopean. Oiongo San Bizente ikastolari bultzada ematea izango dute xede.
|
Olarizuko zelaiek hartuko dute berriro ere Arabako ikastolen jaia. 2024ko Araba Euskaraz ekainaren 16an egingo dute, Olarizun, eta Oiongo San Bizente ikastolari bultzada ematea izango du xede. Gaur aurkeztu dituzte jaiaren nondik norakoak. Mugaezin lelopean egingo dute datorren urteko Araba Euskaraz, «gure hizkuntza horrela, mugarik gabe, irudikatzen dugulako. Mugarik gabe, euskaraz prestatu eta hazi nahi duten guztientzat. Gure gogoa, borondatea eta pasioa ere mugagabeak direlako», azaldu dute antolatzaileek. Logoak, berriz, «infinituaren» ideian du inspirazioa, eta Arabako zortzi ikastolen arteko lankidetza irudikatzen du. Izan ere, azken bi urteotako ideiari jarraituz, auzolanaren eta elkarlanaren bidetik jarraituko dute, eta Arabako zortzi ikastolak elkarrekin antolatuko dute Araba Euskaraz. Espiralak zortzi ekilore hosto ditu, zortzi ikastolek ordezkatzen dituztenak; «hazkunde, aniztasun eta lankidetza» sinboloak ere badira, elkarrekin «osotasun harmoniatsu eta bateratua» osatzen baitute, antolatzaileek esan dutenez. Kolore horiak argia, energia eta bizitasuna adierazten ditu. Ekainetik hona lanean aritu dira zortzi ikastolak urtean zehar egingo dituzten ekinaldiak antolatzeko, baina oraindik azken ukituak egin behar dizkiote egitarauari, eta aurrerago jakinaraziko dute. Hala ere, aurreratu dutenez, iaz bezala, aurten ere Araba Euskaraz lurralde osora hedatu nahi dute. Batzordeak eta lantaldeak ere sortu dira, besteak beste, materiala saltzeko, babesleak bilatzeko, muntaketa lanak egiteko, eta abarretarako.
Oiongo San Bizente ikastolari eta haren hezkuntza proiektuari bultzada ematea izango du helburu 2024ko Araba Euskaraz-ek. 1976. urtean sortua, Oionen errotua dago ikastola. 0-16 urte bitarteko ikasleak hartzen ditu, eta oraintxe 201 familiak, 288 ikaslek, 34 irakaslek eta langilek osatzen dute ikastolako komunitatea. Kooperatiba gisa funtzionatzen du, eta «kalitatezko zerbitzua» eskaintzea da ikastolaren helburua. «Familia, irakasle eta ikasle aitzindariek duela mende erdi hasitako ikastolen mugimendua erabat errotuta dago Arabako Errioxan. Urte hauetan guztietan, lortu dugu kuadrilla honetako euskaldunak eta ia euskaldunak %4 izatetik %40 baino gehiago izatera igarotzea», azaldu du Arturo Lopez de Lacalle Oiongo ikastetxeko zuzendariak aurkezpenean.
|
2023-10-27
|
https://www.berria.eus/albisteak/234486/hego-koreako-konstituzionalak-sexu-bereko-militarren-arteko-erlazioen-debekua-berretsi-du.htm
|
Mundua
|
Hego Koreako Konstituzionalak sexu bereko militarren arteko erlazioen debekua berretsi du
|
Ekintzaileek adierazi dute erabakiak LGTBI kolektiboko militarren aurkako biolentzia «bultzatu» dezakeela edo haienganako erasoak «justifikatu».
|
Hego Koreako Konstituzionalak sexu bereko militarren arteko erlazioen debekua berretsi du. Ekintzaileek adierazi dute erabakiak LGTBI kolektiboko militarren aurkako biolentzia «bultzatu» dezakeela edo haienganako erasoak «justifikatu».
|
Hego Koreako Auzitegi Konstituzionalak laugarrenez berretsi du sexu bereko militarrek ezin dutela erlaziorik eduki armadan. Auzitegiaren ustez, harreman horiek borrokarako gaitasunean eta diziplinan «eragina» izan dezake. Sexu bereko pertsonek bi urteko kartzela zigorra jaso dezakete erlazioak izateagatik.
Auzitegiak Zigor Lege Militarraren 92-6. artikulua konstituzionala zela esan zuen atzo, aldeko bost botorekin eta kontrako laurekin. Artikuluak, zehazki, ez du ezer aipatzen sexu bereko pertsonen arteko erlazioen inguruan, baina «erlazio analak» eta «beste edozein ekintza lotsagarri» debekatzen ditu zerbitzuan dauden bitartean. Hemezortzi eta hogeita bat hilabeteko derrigorrezko zerbitzu militarra dute Hego Korean, eta munduko armadarik handienetarikoa du —70.000 soldadu—.
Koreako Militarren Giza Eskubideen zentroko buru Lim Tae-hoonek esan du erabakia «zentzugabea, ilogikoa, erregresiboa eta aurreiritziek bultzatutakoa» izan dela. Mundua azken hogei urteetan gutxiengoen aurkako diskriminazioa abolitzen aritu dela azaldu du Limek, baina Hego Koreako epaileen iritzia ez dela aldatu salatu du.
AI Amnesty Internationaleko Asia Ekialdeko ikertzaile Boram Jangek epaiaren inguruko idatzi bat argitaratu zuen. Bertan, LGTBI kolektiboaren eskubideen berdintasunaren borrokan «atzerapauso bat» dela adierazi zuen. Erabakiak Hego Korean LGTBI kolektiboaren inguruan dauden aurreiritziak azaleratu dituela gehitu du Jangek, eta «erasoak ekiditeko eta berdintasuna ziurtatzeko» gobernuaren «ekintzarik eza» salatu du.
92-6. artikuluak «diskriminazioa instituzionalizatu» duela gehitu du, eta LGTBI kolektiboko jendearen aurkako biolentzia «bultzatu» edo haienganako erasoak «justifikatu» ditzakeela esan du Jangek. Artikuluak Hego Koreako gizartean lekurik ez duela eta “berehala” kendu behar dela aldarrikatu du. Hego Koreako parlamentario dei egiten die 92-6 artikulua baliogabetzeko.
2003an homosexualitateak «kaltegarri eta lizuna» izateari utzi zion herrialdean, nahiz eta gaur egun diskriminazioa jasaten duten oraindik ere. Sexu bereko pertsonen arteko ezkontzak ez dira legezkoak Hego Korean.
1962tik indarrean
Sexu bereko militarren arteko harreman sexualak 1962. urtetik debekatuta daude, legea indarrean jarri zenetik. Hego Koreako Auzitegi Konstituzionalak 92-6. artikulua konstituzionala dela lau aldiz berretsi du, 2002an, 2011n, 2016an eta aurten, hainbat herrialde eta Nazio Batuen Erakundeko giza eskubideen arloko agentziak aurka agertu ziren arren.
Iaz, harremanak izateagatik auzitegi militar batek kartzela zigorra ezarri zien bi militarri. Militarrek adostutako erlazio sexualak izan zituzten armadaren instalazioetatik kanpo, eta zerbitzuz kanpo zeudenean. Auzitegi Gorenak epaia aztertu zuen, eta epai bertan behera utzi zuen; argudiatu zuen 92-6. artikulua ezin dela aplikatu armadaren instalaziotik kanpo izaten diren sexu harremanetan. Soldaduen eskubideak urratzen zituela gehitu zuen, haien sexu aukeraketa, berdintasun eskubidea eta duintasuna urratzen zituelako.
AIk, 2019an egindako ikerketa batean, Hego Koreako militar homosexualek pairatzen duten «diskriminazioa, larderia, biolentzia eta isolamendua» bildu zuen. Sexu orientazioak eta genero identitateak izan ditzakeen eragina ere aztertu zuen. Gizarteak ezartzen dituen arauetatik kanpo bizi diren pertsonek «aurreiritziak, diskriminazioa eta estigma» jasaten dituztela jasotzen du ikerketak.
|
2023-10-27
|
https://www.berria.eus/albisteak/234487/inaki-martinez-de-lunak-eusko-ikaskuntza-saria-jaso-du-euskararen-aldeko-lanarengatik.htm
|
Gizartea
|
Iñaki Martinez de Lunak Eusko Ikaskuntza saria jaso du, euskararen aldeko lanarengatik
|
Euskararen eta gizartearen erronkei nekaezin egindako ekarpena aintzatesteko saria jaso du soziolinguista arabarrak.
|
Iñaki Martinez de Lunak Eusko Ikaskuntza saria jaso du, euskararen aldeko lanarengatik. Euskararen eta gizartearen erronkei nekaezin egindako ekarpena aintzatesteko saria jaso du soziolinguista arabarrak.
|
Iñaki Martinez de Luna euskararen eta gizartearen ikerkuntzari emana bizi izan da, eta horren aintzatespena egin dio Eusko Ikaskuntzak 2023ko Manuel Lekuona saria emanda.
Epai mahaia honako erakundetako ordezkariek osatu dute: Jose Miguel de Barandiaran Fundazioa, Eresbil-Musika Euskal Artxoa, Euskal Kultur Erakundea, Etxepare Euskal Institutua, Euskalerriko Adiskideen Elkartea, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua, Unesco Etxea eta Eusko Ikaskuntza bera. Azpimarratu dute Martinez de Lunaren jarduera zientifikoa eta Euskal Herriaren garapenerako konpromiso aktiboa nola uztartu dituen. «Iñaki Martinez de Lunak aparteko dedikazioa du gure hizkuntzak gainditu behar dituen erronkei eta bere biziraupena bermatzeko baliatu behar dituen aukerei buruzko hausnarketan eta ekintzan, mundu osoko hizkuntza gutxituekin duen konpromisoaren baitan ikuspegi ireki eta mugarik gabe».
Martinez de Luna soziologian doktore da Deustuko Unibertsitatean, eta, ia berrogei urtean ikerketa ugari zuzendu ditu, batetik, euskara biziberritzeko prozesuaren ezagutza zientifikoan sakontzeko; eta, bestetik, euskal gizartearen errealitateari buruzko ikerketak. Horren adierazle dira egin dituen ikerketak Eusko Ikaskuntzan, Euskaltzaindian, Euskal Herriko Unibertsitatean, Garabiden edo Soziolinguistika Klusterran. Azken horretan, gainera, haren sortzaileetariko bat eta lehen lehendakaria izan zen eta Bat aldizkariaren zuzendaria ere bai. Azpimarratzekoa da, halaber, Euskaltzaleen Topagunearen baitan sortutako Topalabe hausnarketa-taldean izandako lekua, balio handiko ekarpenak egin dituena, hala nola Berrikasi eta Berrikusi (2015) eta Berrindartu eta jauzi (2020) txostenak. Bere ekarpena euskara biziberritzeko prozesuaren inguruko egungo lankidetza giroaren baitan kokatzen da.
Halaber, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteko arduraduna izan zen 1986tik 2015era, eta UPV/EHUko irakasle ondokoa 1989tik 2015era. Euskararen Erakunde Publikoa- Office Publique de la Langue Basque erakundeko Euskararen Aholku Batzordeko kide izan zen eta egun Arabako Foru Aldundian eta Eusko Jaurlaritzan da, baita Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) azpibatzordearen zuzendaria ere. Euskaltzain urgazlea da, eta gaur egun koordinatzen du Euskararen Biziberritzea Araban.
|
2023-10-27
|
https://www.berria.eus/albisteak/234488/omako-basoa-berrireki-dute.htm
|
Kultura
|
Omako basoa berrireki dute
|
Agustin Ibarrolaren obra lekualdatu dute, bizirik mantentzeko asmoz. 2022An hasi zuten migrazio prozesua, eta bihartik aurrera publikoari zabalik egongo da.
|
Omako basoa berrireki dute. Agustin Ibarrolaren obra lekualdatu dute, bizirik mantentzeko asmoz. 2022An hasi zuten migrazio prozesua, eta bihartik aurrera publikoari zabalik egongo da.
|
Agustin Ibarrola artista bilbotarra 1982an hasi zen Omako basoaren proiektuarekin eta, 2000. urtera arte, hango pinuak margotzen aritu zen. 2018. urtean itxi zuten, ordea, segurtasun arrazoiengatik. Itxi bezain laster, Bizkaiko Foru Aldundia margolana berreskuratzeko aukerak aztertzen hasi zen. Orduan, basoa bizirik mantentzeko, aukerarik egokiena lekualdatzea zela erabaki zuen arte garaikidean eta basoko artean espezializatutako adituek osatutako batzordeak. Horrela hasi zen obraren migrazio prozesua, gaur amaitu dutena.
Fernando Bazeta EHUko irakasleak gidatutako talde bat arduratu da lekualdaketaz. Besteak beste, artista plastikoek, arkitektoek eta basozaintzan adituek hartu dute parte proiektuan. Diziplina anitzeko talde hau Agustin Ibarrolaren familiaren laguntzaz baliatu da migrazio prozesua osatzeko.
Obra berrinterpretatzerakoan, Ibarrolaren jatorrizko ideia originala errespetatu nahi izan dute taldekideek. Galduta zeuden multzo batzuk berreskuratzea lortu dute eta basoa handitu dute. Azaldu dutenez, Ibarrolak ezin izan zituen multzo handiak margotu, zuhaitz gutxiago zituelako. Migrazio prozesu honetan, zuhaitz gehiago margotu dira, artistak jatorrizko basorako pentsatuta zeuzkan dimentsioak eta ezaugarriak gauzatu ahal izateko.
Migrazio prozesuak bi fase izan ditu. Lehenengoa 2022an egin zuten. Multzorik esanguratsuenak bereizi zituzten -jatorrizko basoan zeukaten kokapena kontuan hartuta- gero baso berrian birkokatzeko. Hamalau multzo margotu zituzten, espazioan zuten kokapena errespetatuz. Fase honetan bideak egiteko eta zuhaitzak mantentzeko lanak ere egin ziren.
Bigarren fasea 2023an burutu zen. Azken honetan, beste hogei multzo artistiko margotu zituen taldeak. Guztira, 34 multzo egin dituzte, 800 zuhaitz baino gehiagotan.
Basoa inauguratzeko ekitaldi bat egin dute, gaur. Bertan egon dira Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusi, Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatua, Agustin Ibarrolaren senideak eta basoaren migrazio prozesua burutu duen taldea.
Bazeta taldeburua harro azaldu da egindako lanarekin, eta ziurtatu du migrazio prozesua erabat berritzailea izan dela: «Aitzindariak izan gara hemen ezarri ditugun konponbideekin eta irizpideekin». Jose Ibarrola, Agustin Ibarrolaren semea, taldearekin batera buru-belarri ibili da azken urteetan Omako basoa berreskuratzeko. Bere hitzetan, «aitak ikusiko balu, oso pozik egongo litzateke».
Bisitak
Omako basoa bisitatu nahi duenak aldez aurretik erreserbatu beharko du Bizkaiko Foru Aldundiaren webgunean, bai bisita libreak zein gidatuak egiteko. Horrek bisita-fluxua hobeto banatzen lagunduko du, Omako basoaren langileen arabera. Bisita gidatuak larunbatetan egingo dira, 11:00etan gaztelaniaz eta 12:30etan euskaraz.
Asteburuetan eta jaiegunetan bus zerbitzua eskainiko zaio publikoari, Gernika-Lumotik. Orduero abiatuko da, eta Santimamiñeko aparkalekuraino hurbilduko ditu bisitariak. Hortik, bidea oinez jarraitu behar da: 2,8 kilometro dira basora heltzeko.
|
2023-10-28
|
https://www.berria.eus/albisteak/234513/gomendiorik-ez-zaio-faltako.htm
|
Kirola
|
Gomendiorik ez zaio faltako
|
Nekez topa daiteke goitiandia-goioganatarrena baino familia zesta-puntazaleagorik. Kate luze horren beste katebegi bat da Alex Goitia. Aurrelari markinarrak lehen aldiz jokatuko du titular gisa Winter Series txapelketa. «Ilusio handia» piztu dio horrek.
|
Gomendiorik ez zaio faltako. Nekez topa daiteke goitiandia-goioganatarrena baino familia zesta-puntazaleagorik. Kate luze horren beste katebegi bat da Alex Goitia. Aurrelari markinarrak lehen aldiz jokatuko du titular gisa Winter Series txapelketa. «Ilusio handia» piztu dio horrek.
|
Goitiandia Goiogana anaiek, Iñakik, Julenek eta Alexek (Markina-Xemein, Bizkaia, 2001), bizitza guztia daramate etxean zesta-puntaren inguruko istorioak entzuten. Lehen pertsonan kontatu dizkiete. Aitonak, Tomas Goioganak, urrezko aldiaren ingurukoak kontatu dizkie, AEBetako kasinoetako frontoietan jendetza bildu, eta dirutza jokatzen zenekoa. Aitak, Iñaki Goitiandiak, eta lau osabak, Alvaro eta Joaquin Goitiandiak, Felix Espillak, eta Juan Mari Mandiolak, berriz, haien belaunaldiaren bizipenak eta komeriak kontatu dizkiete.
Baina garaian garaiko egoera alde batean utzita, zerbait transmititu badiete, zesta-puntarenganako muturreko pasioa izan da. Bikain egin dute, katea ez baita eten. Kate luze baten beste katebegi bat dira hirurak: haien arbasoak bezala, haiek ere puntistak dira. Bide bera ere egin dute: Euskal Herrian hasi ziren jokatzen, eta AEBetan egin zuten debuta profesionaletan: Iñakik eta Alexek, Danian; eta Julenek, Miamin. Bi anaia zaharrenak, Iñaki eta Julen, AEBetan ari dira oraindik, Miamiko Magic City kasinoko frontoian. Gazteena, Alex, ordea, aspaldi itzuli zen etxera. Ordutik, gogor ari da borrokatzen onenen artean toki bat egiteko.
Ari da egiten pixkanaka. Albiste bikaina jaso berri du: Winter Series txapelketaren hirugarren ekitaldia jokatuko du. Aurrelari markinarra lehen aldiz izango da titular Winter Seriesen. Iaz, partida bat jokatu zuen, Thomas Urrutiaren ordez. Oraingoan, ordea, ez da izango inoren ordezko. Berea du tokia. Gernika-Lumoko (Bizkaia) Jai Alai pilotalekuan ariko diren zortzi bikoteetako bat osatuko dute berak eta Thibault Basque atzelari bidartarrak.
Astelehenean hasiko da txapelketa, 18:00etan (22:30, ETB1). Iñaki Osa Goikoetxeak eta Unai Lekerikak Erik Mendizabalen eta David Minvielleren aurka jokatuko dute A multzoan. Goitia frontoian izango da, adi, multzo berean ariko baitira hura eta Basque. Hain zuzen, Eriken eta Minvielleren aurka jokatuko dute estreinakoa, azaroaren 13an.
Egun hori hori iristeko «irrikan» dago. «Ilusio handia piztu dit Winter Series txapelketa jokatzeak. Txapelketa handia da, eta eskertu egiten da halakoak jokatzea». Oso era ezberdinean bizituko ditu Winter Seriesen hiru aldiak. «Aurrenekoan, ikusle soila izan nintzen. Asko gozatu nuen frontoia beteta ikusita. Bigarrenean, berriz, ikusle izan nintzen aurrena [ez zen sailkatu], baina partida bat jokatu nuen gero, ordezko bezala. Esperientzia polita izan zen. Hirugarren aldia, ordea, oso bestelakoa izango da: titular izango naiz, eta gutxienez, hiru partida jokatuko ditut. Badut aukera zerbait polita egiteko; aurrekoan jokatu nuenean, jada ez genuen aukerarik sailkatzeko». Badu beste pizgarririk. «Bete egingo da frontoia, eta niri asko gustatzen zait horrela jokatzea. Gainera, familia egongo da. Anaiak ere etorriko dira abenduan, ni ikustera. Oso pozik nago».
Gainera, «itxaropentsu» dago; uste du hark eta Basquek «bikote polita» egingo dutela. «Aurkari indartsuak daude, baina lana ematen saiatuko gara. Ea txapelketa polita egin dezakegun». Ez du aitzakiarik. «Sasoi betean» dago. «Duela gutxi, istripua izan nuen bizikletarekin, eta sorbaldan min hartu nuen. Baina osatuta nago. Prest nago bete-betean aritzeko».
Hura kontuan hartuta, zazpi puntista ariko dira lehen aldiz titular gisa Winter Seriesen. Goitiaren arabera, horretan badute zerikusia Xabi Barandika eta Jon Zabala min hartuta egoteak eta Diego Beaskoetxea erretiratu izanak. Baina «pozik» dago antolatzaileek gazteak «kontuan hartu» dituztelako. «Orain, gure lana ondo aritzea da», azpimarratu du.
«Sendoago aritu behar dut»
Argi du lehen egitekoa: ahalik eta huts gutxien egitea. «Profesionalekin huts egiten baduzu, tanto egiten dizute. Ez dute barkatzen, ezta tantoa zuretzat izango dela dirudienean ere: adibidez, zuk txik-txak egin, eta errebotez egiten dizute tantoa. Halakoak ez dira egiten afizionatuetan».
Argi du ere zertan duen gehien hobetzeko. «Profesionalek kontrolpean dute euren burua, eta, patxada handiagoz jokatzen dute. Hori falta zait niri: patxada handiagoz jokatzea. Huts dezente egiten ditut. Sendoago jokatu behar dut». Beharko, dioenez, frontoi «ederra bezain exijentea» baita Gernikakoa. «Gabezia guztiak azaleratzen ditu».
Haren iritziz, profesionalekin jokatuz hobetzen da. Nahi baino gutxiagotan egin du. Markinako Grand Slamean egin zuen azkenekoz, udan. Imanol Lopezekin jokatu zuen. Esperientzia «gazi-gozoa» izan zen. «Gazia izan zen, lehen partidan, Barandikari eta Basqueri, txapeldun izan zirenei irabazi arren, gero tanto batengatik ez ginelako sailkatu finalerdietarako. Baina gozotik izan zuen ere bai. Ederra izan zen Lopezekin, eta etxean, onenekin nor baino nor gehiago aritzea. Ea Gernikan hobeto joka dezakedan».
Zalantzarik izanez gero, ez zaio gomendiorik faltako: aitarenak, aitonarenak, anaienak, osabenak... «Larregi, agian», esan du, barrez. Baina irtenbidea topatu dio. «Guztiengandik hartuko dut zerbait, eta horrela, denok pozik».
|
2023-10-28
|
https://www.berria.eus/albisteak/234514/bi-joko-estiloren-arteko-talka.htm
|
Kirola
|
Bi joko estiloren arteko talka
|
Zeelanda Berriak eta Hegoafrikak Munduko Kopako finala jokatuko dute gaur, Parisen (21:00). Bi taldeak hirutan izan dira txapeldun, eta bigarrenez neurtuko dituzte indarrak finalean.
|
Bi joko estiloren arteko talka. Zeelanda Berriak eta Hegoafrikak Munduko Kopako finala jokatuko dute gaur, Parisen (21:00). Bi taldeak hirutan izan dira txapeldun, eta bigarrenez neurtuko dituzte indarrak finalean.
|
Duela 28 urte bezala, Hegoafrikak eta Zeelanda Berriak jokatuko dute Munduko Kopako finala. 1995ean, Johannesburgon (Hegoafrika), etxekoak nagusitu ziren, 15- 12, luzapenean, Joel Stranskyk ostiko bat sartuta. Entsegu bakar bat ere ez zen egin final hartan, eta puntu guztiak bi taldeetako zabaltzaileek eskuratu zituzten: Stransky hegoafrikarrak eta Andrew Mehrtens zeelandaberritarrak.Orduz geroztik, selekzio horietako bakoitzak bina final jokatu ditu, eta bietan gailendu. Aurrez, 1987an, All Blacksak txapeldun izan ziren historiako lehen Munduko Kopan.
Hala, gaur hirunako berdinketa desegingo dute, Pariseko Stade de France-n jokatuko den finalean. «Zaila da iragarpen bat egitea. Ikuspegi psikologikotik begiratuta, agian Zeelanda Berria zertxobait hobeto ikusten dut, txapelketan izan duen bilakaera dela eta. Baina esango nuke kontua parekatua dagoela. Bi taldeek oso ondo ezagutzen dute elkar, eta ziur elkarri irabazteko gogo berezia dutela», esan du Kemen Goitiandiak, Getxo errugbi taldeko entrenatzaileak (Zornotza, Bizkaia, 1980). Orotara, 105 partida jokatu dituzte elkarren aurka, horietatik bost Munduko Kopan; Zeelanda Berriak 62 aldiz irabazi du, Hegoafrikak 39 aldiz, eta lau neurketa berdinketarekin amaitu dira.
Zeelanda Berriak A multzoko bigarren postuan amaitu zuen, Frantziaren aurkako neurketa galdu eta gero. Ondoren, final-laurdenetan, 24-28 irabazi zion Irlandari, hau da, hautagai nagusiari, eta finalerdietan aise menderatu zuen Argentina: 44-6. Hegoafrikak ere B multzoko bigarren sailkatu gisa egin zuen aurrera, Irlandaren atzetik, eta final-laurdenetan eta finalerdietan puntu baten aldearekin irabazi zien Frantziari eta Ingalaterrari, hurrenez hurren. «Bi selekzioak arazo askorekin ailegatu ziren Munduko Kopara, baina talde hauek oso ezberdinak izaten dira lagunarteko partidetan eta txapelketakoetan. Ez da ezustekoa izan finalera ailegatu izana, baina egin duten bidea bai. Egokitzeko izan duten gaitasuna nabarmenduko nuke».
Jokatzeko moduari dagokionez, Goitiandiak dio «antagonistak» direla bi finalistak. «Zeelanda Berriak joko dinamikoa egiten du, bizia. Hegoafrikaren jokoa, ordea, fisikoan eta defentsan oinarritzen da, eta hankako jokoari ere garrantzi handia ematen dio. Aukera gutxi eman ohi dituzte, eta trebeak dira aurkariaren huts txikiak aprobetxatzen». Zenbakiek ere hori diote: Hegoafrika da zigor kolpe gutxien hartu duen taldea, eta plakaketa gehien egin dutenetan bigarrena da. Zeelanda Berria, berriz, txapelketako talderik onena da defentsak apurtzen eta baloia abantaila marratik harago eramaten. Getxoko entrenatzaileak zeelandaberritarren «ausardia» eta hegoafrikarren «sasoia» azpimarratu ditu. Horrekin batera, bi taldeen «ahulguneak» ere aipatu ditu. «All Blacksek batzuetan ez dute gaitasun handirik euren joko horretatik ateratzeko, eta, hegoafrikarrei dagokienez, gutxi arriskatzeko asmo hori nabarmenduko nuke».
Uztartzeak, «funtsezkoak»
Zeelanda Berriko jokalariak fisikoki indartsuak badira ere, Hegoafrikakoak arlo horretan «indartsuagoak» direla uste du entrenatzaile bizkaitarrak. Hori horrela, uztartzeak eta fase estatikoak funtsezkoak izan daitezke txapelketa talde baten edo bestearen esku gelditzeko. «Bi selekzioen bertuteetako bat da uztartzeak irabazteko gaitasuna. Beraz, norberarenak irabaztea ez ezik zigor kolpeei izkin egitea ere funtsezkoa izango da. Hori da finalaren gakoetako bat. Fase estatikoetan, oro har, Hegoafrika zertxobait indartsuagoa da. «Detaile txikiek baldintzatuko dute finala: plakatze bat huts egiteak edo zigor kolpe bat izatea», nabarmendu du.
|
2023-10-28
|
https://www.berria.eus/albisteak/234515/pedro-sanchez-amnistia-defendatzen-dut.htm
|
Mundua
|
Pedro Sanchez: «Amnistia defendatzen dut»
|
PSOE Batzar Federala egiten ari da. Bizikidetzaren alde Kataluniako amnistia defendatu du Sanchezek, nahiz eta ez zen alderdiaren «planen barruan». Sumarrekin koalizio gobernua osatzeko akordioaz galdetu diete alderdiko militanteei.
|
Pedro Sanchez: «Amnistia defendatzen dut». PSOE Batzar Federala egiten ari da. Bizikidetzaren alde Kataluniako amnistia defendatu du Sanchezek, nahiz eta ez zen alderdiaren «planen barruan». Sumarrekin koalizio gobernua osatzeko akordioaz galdetu diete alderdiko militanteei.
|
«Babesten duzu akordioa Sumarekin gobernua osatzeko eta beste alderdi politiko batzuen babesa lortzeko, beharrezkoa den gehiengoa lortzeko?». Galdera hori egin dio PSOEk bere militanteei alderdiaren Batzar Federalean. Hilabete hasieran proposatu zuen Espainiako Errege Felipe VI.ak Pedro Sanchez inbestidurarako hautagai, eta hilabete azpitik geratzen da saiorako —azaroaren 27an da epemuga—. Aste honetan hitzartu du PSOEk Sumarrekin koalizio gobernurako akordioa. Babes handiagoa behar du Sanchezek presidente izendatzeko, eta, besteak beste, Kataluniari begira jarri da batzarrean: «Espainiarren arteko bizikidetzaren defentsan, Kataluniako amnistia defendatzen dut gaur».
Aurreikusi gabeko neurria dela aitortu du Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak eta PSOEren hautagaiak: «Ez zen gure plana une honetarako». Beharrezkotzat jo du, ordea, politikaren egungo egoera kontuan hartuta. «Legegintzaldi hontean zeregin horretara deitu gaituzte: 2017an procés-arekin izandako haustura atzean uztea», erantsi du. Aurreko legegintzaldian hasi zuten lan hori, indultuekin; orduan adierazi zuen pauso gehiago eman beharko zirela. Espero baino lehenago heldu dira pauso horiek emateko beharra. «Baina bagenekien gatazka behin betiko gainditzeko beste neurri batzuk beharko zirela etorkizunean, zauri hori ezin baitzen irekita utzi», esan du.
Oraindik zehazteke dago Sanchezen inbestidurarako saioa, eta koalizio gobernua osatzeko «konfiantza eta babesa» eskatu die Sanchezek PSOEko militanteei: «Aukera bakarra da Espainian Gobernua egon dadin eta hauteskundeak errepikatu ez daitezen». Astebete izango dute erantzuteko; telematikoki bozkatu ahalko dute, eta azaroaren 4an, PSOEren egoitza guztietan, aurrez aurre. Batzar federalean egin dieten galderan ez da amnistia aipatzen.
Nafarroako presidente Maria Txibitek Sumarren akordioari buruz ere hiz egin du: «Nafarroan egiten ari garne politiken ildo beretik doa; argi dago zerbitzu publikoen, eskubideen aurrerapenen eta ekonomia iraunkorrago baten alde egiten duela, eta horixe defendatuko dugu». Procés-ari dagokionez, esan du «bizikidetzan aurrera egiteko egitasmoak orok» PNSren babesa izango duela, betiere «marko konstituzionalaren barruan» egiten badira.
|
2023-10-28
|
https://www.berria.eus/albisteak/234516/euskararen-aurkako-oldarraldia-integrala-dela-salatu-du-sortuk.htm
|
Gizartea
|
Euskararen aurkako oldarraldia «integrala» dela salatu du Sortuk
|
Bilboko Justizia Jauregiaren aurrean agerraldia egin du, eta heldu den larunbateko manifestazioan parte hartzera deitu du»
|
Euskararen aurkako oldarraldia «integrala» dela salatu du Sortuk. Bilboko Justizia Jauregiaren aurrean agerraldia egin du, eta heldu den larunbateko manifestazioan parte hartzera deitu du»
|
Agerraldi «aktibista» bat izan dela esan dute Sortuko ordezkariek; Bilboko Justizia Jauregi parean elkartuta, igaro hilabeteetan euskararen normalizazioaren aldeko neurrien kontra egon diren epaien gaineko kezka adierazi nahi izan dute, baina euskararen aurkako dinamika, oro har, «integrala» dela salatu dute. «Ertz ugari ditu; politikoa eta ideologikoa ere bada. Funtsean, nazio gatazka dago oinarrian». Heldu den larunbaterako Euskalgintzaren Kontseiluak Bilbon deitua duten manifestazioarekin bat egin dute.
Eraikinaren aurrealdea hartu dute Sorturen agerraldian parte hartu dutenek, puzgarri erraldoi bat jarri dute, eta Euskarafobia stop dioen pankarta bat zabaldu dute. Sorturen Nazio Kontseiluko ordezkari Iker Salcedok hartu du hitza. Estrategia «integral» bat martxan dela ohartarazita, euskararen kontrako fronte ugari ireki direla salatu du. «Euren espainiar proiektuak Euskal Herrian jarraitzeko helburuz, euskararen eta euskal kulturaren hedapena gerarazi dute».
Erasoen kontra egiteaz harago, erantzun bat ere prestatu behar dela esan du. «Hizkuntza politika berriak eta ausartak behar ditugu, euskararen normalizazioan eta euskalduntzean urrats berriak egiten jarraitzeko». Bide horretan aurrera egite aldera estatu propio bat ezinbestekoa dela erantsi du: «Euskal Herriak eta euskarak independentzia behar dute».
EGIren deia
Euzko Gaztedi-EGIko hainbat ordezkari ere Bilboko Justizia Auzitegi parean elkartu dira; gaitzespena adierazi dute euskaldunen hizkuntza eskubideak urratzen dituzten ebazpen judizialen harira, eta aurreratu dute heldu den larunbatean Bilbon egingo den manifestazioan parte hartuko dutela. Euskararen normalizazioaren aldeko neurri eta irizpideak bertan behera uzte aldera ebatzi diren epaiak «euskal gizartearen gehiengoak» adierazi duenaren kontrakoak direla esan dute.
Epai horien asmo gaiztoa agerian utzi nahi izan dute. «Hizkuntzen kudeaketari dagokion aplikazioak ez du inolako arazorik sortu udalerrietan, herritar guztien hizkuntza eskubideak errespetatze dituelako».
|
2023-10-28
|
https://www.berria.eus/albisteak/234517/eajk-sanchezi-nabarmendu-dio-inbestidurarako-beraien-botoak-behar-dituela.htm
|
Politika
|
EAJk Sanchezi nabarmendu dio inbestidurarako beraien botoak behar dituela
|
Itxaso Atutxak ohartarazi du PSOEren eta Sumarren akordioak «eskuduntzak inbaditu» ditzakeela; Maria Txibitek, aldiz, begi onez ikusi du ituna.
|
EAJk Sanchezi nabarmendu dio inbestidurarako beraien botoak behar dituela. Itxaso Atutxak ohartarazi du PSOEren eta Sumarren akordioak «eskuduntzak inbaditu» ditzakeela; Maria Txibitek, aldiz, begi onez ikusi du ituna.
|
Zeresana ematen ari da Pedro Sanchez Espainiako Gobernuaren jarduneko presidentearen inbestidura eta hori bermatzeko PSOEk eta Sumarrek egin duten akordioa. Gaur goizean, Itxaso Atutxa BBBren presidenteak horixe izan du hizpide Portugaleten (Bizkaia) egin duen agerraldian. Hain zuzen, Sanchezi nabarmendu dio EAJren babesa ezinbestekoa duela: «Pedro Sanchezi gogoratu nahi diogu gure botoak behar dituela eta, beraz, jaso behar dituela eta erantzun behar diela euskal eta kataluniar alderdien eskakizunei». Eta ziurtatu du alderdi batzuek «muxutruk» eman asmo dizkiotela botoak Sanchezi; ez, ordea, EAJk: «EAJk jarraituko du eskatzen estatu ereduaren erreformari heltzea, Euskadi eta Katalunia nazio baikara».
Kezkak ere adierazi ditu BBBren buruak. Haren esanetan, bi alderdien arteko akordioak bide eman diezaioke «eskuduntzak inbaditzeari»: «Kezkatzen gaitu bankuei eta argindar enpresei ezarri nahi zaizkien zerga horiek ez errespetatzea Ekonomia Ituna eta Ekonomia Hitzarmenaren sistema. Eta kezkatu egiten gaitu akordio horren atzetik agenda propioa inpoasatzeko ahalegina egoteak ere».
Atutxa ez da izan, ordea, inbestiduraz hitz egin duen bakarra. Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak begi onez ikusi du PSOEk bere militantziari galdetzea alderdi independentistekin egin ditzaketen akordioei buruz, eta baikorra iruditu zaio Sumarrekin hitzarmen bat izenpetu izana: «Nafarroa ildo beretik doa, argiki apustu eginez zerbitzu publikoen, eskubideetan aurrera egitearen eta ekonomia jasangarriago baten alde».
Andueza lehendakarigai
Oraindik Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeek datarik ez badute ere PSE-EEk badu hautagaia: PSOEren Batzorde Federalak berretsi du Eneko Andueza izango dela lehendakarigaia. Anduezak nabarmendu du ez dela geldituko lehendakari izan arte.
|
2023-10-28
|
https://www.berria.eus/albisteak/234518/gaza-inkomunikaturik-eta-israel-erasoen-indartze-betean.htm
|
Mundua
|
Gaza, inkomunikaturik eta Israel erasoen indartze betean
|
Tel Avivek orain arteko bonbardaketarik bortitzena egin du bart zerrendan, eta ohartarazi du Gaza iparraldetik ihes egiteko «denbora agortzen» ari dela. Eskualdeko palestinarrek ez dute telefono sarera eta Internetera konektatzeko modurik.
|
Gaza, inkomunikaturik eta Israel erasoen indartze betean. Tel Avivek orain arteko bonbardaketarik bortitzena egin du bart zerrendan, eta ohartarazi du Gaza iparraldetik ihes egiteko «denbora agortzen» ari dela. Eskualdeko palestinarrek ez dute telefono sarera eta Internetera konektatzeko modurik.
|
Gaza «suzko bola bat» bihurtu du Israelek bart gauean, zerrendako Osasun Ministerioko bozeramaile Axraf al-Qudraren esanetan. Tokiko hedabideek jasotako lekukotzen arabera, azken hiru asteotako bonbardaketarik indartsuena izan da gaurkoa. Gutxienez 337 lagun hil direla jakinarazi du Al-Qudrak, baina kopuru erreala handiagoa izatea espero da. Zaila izaten ari da egoera zer-nolakoa den jakitea, Gaza ia erabat inkomunikatuta gelditu delako. Herritarrek ez dute telefono deiak egiteko edo Internetera konektatzeko modurik. Israelgo armadak adierazi du bonbek Hamasen 150 lur azpiko azpiegitura suntsitu dituela.
Airetik bakarrik ez, lurretik ere eraso egin du Israelek, eta armadaren eta Hamasen arteko «borroka gogorrak» izan dira Gaza iparraldean, talde islamistaren adar armatu Al-Qassam Brigadek azaldu dutenez. Ordurako, Israelgo armadaren bozeramaile Daniel Hagarik iragarria zuen lurreko erasoak areagotu egingo zituztela, bonbardaketak indartuz. Armadak azaldu du infanteriak, artilleria pisutsuak eta ibilgailu blindatuek parte hartu dutela Gaza barruko operazioetan. Israelen esanetan, Hamasen itsas eta aire indarretako buruzagiak hil ditu. «Aginduak argiak dira. Kanpainak jarraitu egingo du bestelako jakinarazpen bat egon arte».
Armadak argitaratu duen ohar baten arabera, atzo iluntzean hasi zuten lurreko operazioaz geroztik, 24 ordu baino gehiago egin dituzte tropa batzuek Gaza iparraldean. «Gerra honek faseak dauzka, eta hurrengo fasean sartzen ari gara gaur. Gure indarrak Gazako lurretan ari dira orain», azaldu du Herzi Halevi armadako buruzagiak, arratsaldean bideo batean. Haren esanetan, Israelen «soldadu onenak» Palestinako lurralde okupatura sartu dira.
Gazan lanean jarraitzen dute larrialdi zerbitzuek egoera kaotiko bat deskribatu dute, telefono sarearen eta Internet bidez komunikatzeko aukerarik gabe, oztopo handiak dituztelako erreskate lanak antolatzeko eta koordinatzeko. Bonbardaketak jasan dituzten herritarrek ere ezin diete berehalako abisurik helarazi larrialdi zerbitzuei. NBE Nazio Batuen Erakundeak Palestinako eskualdean dituen agentzietako langileak ere inkomunikatuta gelditu dira, eta kezka adierazi dute horien nahiz Gazako zibilen segurtasun ezagatik. Munduko Osasun Erakundeak salatu du Israelek bi ospitaletako inguruan bonbardatu dituela azken erasoetan. Komunikazio falta herritarren egoera emozionalean ere zuzeneko eragina izaten ari da, ez baitute modurik beren hurbilekoekin harremanetan jartzeko eta horiek bizirik jarraitzen duten jakiteko.
Giza eskubideen aldeko erakunde batzuek nabarmendu dute inkomunikazio egoerak are arrisku handiagoan utzi dituela Gazako herritarrak. Amnesty Internationalen iritziz, «komunikazio ezak esan nahi du zailagoa izango dela Palestinako zibilen aurkako giza eskubideen urraketei eta gerra krimenei buruzko informazio kritikoa lortzea, eta urraketa horiek pairatzen dituztenen ahotsa zuzenean entzutea».
Ziurgabetasun egoera horretan, Israelgo armadak «urgentziazko mezu bat» zuzendu die Gazako herritarrei: zerrendaren iparraldea uzteko «behin-behinean», eta hegoaldera joateko, «borrokaldi gogorrak» amaitu artean. Ziurtatu du iparraldera itzultzea posiblea izango dela horiek amaitzean. «Denbora agortzen ari zaizue», ohartarazi die, Tel Avivek iragarria duen lurreko inbasioa ordu gutxiren buruan has daitekeela aditzera emanez.
Bahituak presoen truke
Israelen bonbardaketek kezka piztu dute estatu juduan bertan. Gazako milizia palestinarrek 220 lagunetik gora bahitu zituzten urriaren 7an egin zuten erasoan, eta horien senideek uste dute Hamasek lur azpian eraikia duen tunel sarea bonbardatzeak arriskuan jartzen duela horien bizitza, talde islamistak han gordeta dituela iritzita. Benjamin Netanyahu lehen ministroarekin eta Yoav Gallant Defentsa ministroarekin gaur bertan biltzeko eskaria egin dute, bestela protesta hasiko zutela ohartarazita. Handik ordu gutxira bildu da Netanyahu senideen ordezkaritza batekin. Lehen ministroak esan die «aukera guztiak» aztertuko dituztela bahituak askatzeko.
Hamasek, berriz, adierazi du prest dagoela bahituta dauzkanak aske uzteko —229 lagun ditu gatibu, Israelen arabera—, baldin eta Tel Avivek bere espetxeetan preso dituen palestinar guztiak askatzen baditu. Al-Qassam Brigadetako bozeramaile Abu Obeidak esan du kontaktuak izan direla bahituen eta presoen arteko truke baterako eta «akordioa lortzeko aukera» izan zutela aldeek, baina Israelek «blokeatu» egin zuela. Israelek gatibuen auzia kolpetik ixteko borondatea badu, milizia gertu dagoela ziurtatu du, eta «pausoz-pauso» egin nahi badu, horretarako ere prest agertu da.
Israel borondatea agertu zuen, atzo, Hamasek bahitu kopuru esanguratsu bat askatuz gero, trukean zerbait emateko, eta hala jakinarazi zien Qatarko bitartekariei —eginkizun hori jokatzeko prest agertu da Qatar, Turkiarekin eta Egiptorekin batera—. Hamasek orain arte adierazi du ez duela bahiturik askatuko su eten akordio bat egin arte. Oraingoz, baina, Tel Avivek ez du horretarako asmorik agertu. Indarraren erabilera areagotuko duela aurreratu du.
Bada, erasoaldiak areagotuko dituela esaten ari denean, «berehalako su eten humanitario bat» ezartzeko eskatu zion, atzo, NBEren Batzar Nagusiak Israeli. Ebazpenaren alde bozkatu zuten 120 herrialdek, 45 abstenitu ziren eta hamalauk egin zuten kontra. Azken horien artean, Israelek berak eta AEBek.
NBEren ebazpen hori urratzeagatik, Egiptok Netanyahuren gobernua kritikatu du. Su eten bat eskatu dio, eta, horrez gain, Gazara giza laguntza helarazteko bide seguruak irekitzea. «Arazo logistikoak» jartzea egotzi dio. Milizia palestinarren erasoaz geroztik, ehun kamioi baino gutxiagok igaro dute Egipto eta Gaza arteko Rafah pasabidea, laguntza humanitarioarekin. Erasoaren aurretik, 500 kamioi inguru pasatzen ziren, eta Gazak eguneko ehun kamioi behar ditu bere behar larrienei erantzuteko. Urriaren 21a arte, Israelek erabat itxita izan du Gaza. Ordutik, eguneko hamabi kamioik igaro dute muga, batez beste. Israelgo armadak esan du Gazara sartzeko baimena emango diela kamioi gehiagori, eta «ahalegin humanitarioa» handituko duela.
Orain arte zerrendara iritsi den laguntza horretatik kanpo gelditu da erregaia. Tel Avivek debekatu egin du hura sartzea, azaldu duenez, Hamasek erabili ez dezan. Erregai faltak oinarrizko zerbitzuak martxan mantentzea galarazi du kasu askotan. Bai elikagaien banaketarako, erreskateetarako edo ospitaleen funtzionamendurako. Gazako Osasun Ministerioak kaleratu dituen datuen arabera, hamabi erietxe eta lehen arretarako osasun zentro itxi dituzte erregai faltarengatik edo bonbek eragindako kalteengatik.
Nazioarteko zuzenbidearen kontrakoa
Israelek Gazan ezarri dituen bizi baldintzak nazioarteko zuzenbide humanitarioaren kontrakoa dela salatu du Josep Borrell EB Europako Batasuneko diplomaziaburuak. «Gaza erabateko inkomunikazioan eta bakartzean dago, eta bonbardaketa indartsuek ez dute etenik. UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak ohartarazi du Gazako egoera etsigarria dela, jendea argindarrik, janaririk eta urik gabe dagoela. Zibil gehiegi hil dira, haurrak barne. Hau nazioarteko zuzenbide humanitarioaren aurkakoa da», bota du EBko ordezkariak X sare sozialean.
Errusiak ere Israelen jokabidea kritikatu du, eta erasoak gelditzeko eskatu dio, gatazkari konponbide politiko bat bilatze aldera. «Gaza suntsitzen bada, bi milioi herritar kanporatzen badira politikari batzuek Israelen eta handik kanpo proposatzen duten bezala, hondamendi bat izango da, hamarkada asko edo mendeak iraungo duena», adierazi du Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak.
Ildo beretik, Tel Aviven erasoak gaitzetsi ditu Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganek, eta gaineratu du bere herrialdea prestatzen ari dela «Israelen gerra krimenak munduaren aurrean agerian jartzeko». Erdoganek beste behin esan du Hamas ez dela erakunde terrorista, «askatasunaren aldeko borrokalari talde bat» baizik. Adierazpen horien ostean, Israelgo Atzerri ministro Eli Cohenek herrialdeko talde diplomatikoari Turkiatik itzultzeko agindu dio, bi estatuen arteko harremanak berriz aztertu arte.
|
2023-10-28
|
https://www.berria.eus/albisteak/234520/milaka-pertsonak-israel-gazan-egiten-ari-den-genozidioa-gaitzetsi-dute-bilbon.htm
|
Mundua
|
Milaka pertsonak Israel Gazan egiten ari den «genozidioa» gaitzetsi dute Bilbon
|
Palestinarekin Elkartasuna ekimenak antolatutako manifestazioak Bilboko kaleak bete ditu. Gatazka konpontzeko «Israelgo estatu sionistaren desagerpena» ezinbestekoa dela esan dute.
|
Milaka pertsonak Israel Gazan egiten ari den «genozidioa» gaitzetsi dute Bilbon. Palestinarekin Elkartasuna ekimenak antolatutako manifestazioak Bilboko kaleak bete ditu. Gatazka konpontzeko «Israelgo estatu sionistaren desagerpena» ezinbestekoa dela esan dute.
|
Gazan Israelen bonbak erortzen ari diren une berean, milaka herritarrek Palestinarekin Elkartasuna ekimenaren deiari erantzun diote, Bilboko kaleak betez. 18:00etan zuten hitzordua hiriburuko Bihotz Sakratutik, eta udaletxeraino egin dute bidea, Gora palestinar erresistentzia! Sionismoa genozida leloarekin. Palestina aurrera, Israel genozida eta bestelako oihuak entzun dira manifestazioan zehar.
Bidean, Palestinako bandera eta ikurriña handi bana eraman dituzte, eta Plaza Eliptikoan azken egunetan Gazan eta Zisjordanian hiltzen ari diren milaka palestinarren heriotzak irudikatu dituzte, odolez zikindutako zaku zuri batzuk lurrean utziz. Horrekin batera, Palestinan sarraskia gelditu! Israel estatu genozida! zioen pankarta bat eutsi dute manifestari batzuek.
Iluntzean iritsi da manifestazioa Bilboko udaletxera, eta txalaparta soinuen ostean egin dute testuinguruaren irakurketa.
«Estatu sionistaren suntsipena»
Gaurko deialdiarekin zuzen egin dute «Israel zilegiztatzen duten» mendebaldeko gobernuen, alderdi politikoen eta enpresen aurka. Diote Palestinarekiko elkartasuna zanpatua eta «kriminalizatua» izaten ari dela, Ipar Euskal Herrian, Frantzian eta Alemanian esaterako, eta garbi utzi dute egoera ez dela «Hamasen aurkako gerra» bat, genozidio bat baizik.
«Bakearen izenean alde bietatik biolentzia etetera dei egiten duten diskurtsoak eta zapaltzaile eta zapalduak parekatzen dituztenak» seinalatzearen beharra ere nabarmendu dute.
Hala, deitzaileek uste dute Palestinaren egungo egoera konpontzeko ezinbestekoa dela «Israelgo estatu sionistaren suntsipena». «Ibaitik itsasora arteko Palestina aske baten eraikuntza, errefuxiatutako eta erbesteratutako palestinarren itzulera, eta palestinar preso politiko guztien askatasuna ahalbidetuko» duen deskolonizazio prozesu bat ere beharrezko jo dute.
Azkenik, «estatu genozidaren» aurkako boikota, desinbertsioak eta zigorrak ezartzeko unea dela ere adierazi dute.
Debekuen gainetik, Baionakoa aurrera
Baionan ere Palestinaren aldeko mobilizazio bat izan da 17:00etan, nahiz eta aurrez prefekturak halako protestak debekatu bazituen ere. Pankartarekin estalita atera dira, eta Palestinako egungo egoeran Frantziaren estatus «kolaboratzailea» ere salatu dute. Israel genozido! Frantzia kolabo! Palestina askatu! izan da protestaren lelo nagusia.
Poliziaren presentzia oso handia izan da manifestazioan zehar, eta suprefeturaren aitzinean hesia osatu dute, eraikina babesteko. Hala ere, manifestazioak aurrera egin du, nahiz eta amaieran protestan parte hartu duten pertsona batzuk identifikatu dituzten.
|
2023-10-28
|
https://www.berria.eus/albisteak/234521/gorpu-bat-aurkitu-dute-urola-ibaian-aizarnazabalen.htm
|
Gizartea
|
Gorpu bat aurkitu dute Urola ibaian, Aizarnazabalen
|
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren arabera, adineko baten gorpua da aurkitu dutena.
|
Gorpu bat aurkitu dute Urola ibaian, Aizarnazabalen. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren arabera, adineko baten gorpua da aurkitu dutena.
|
Suhiltzaileek jakinarazi dutenez, gorpu bat aurkitu dute gaur Urola ibaian, Aizarnazabalen (Gipuzkoa). Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak adierazi du adineko pertsona baten gorpua dela.
16:15ean aurkitu dute gorpua. Iturri horiek ez dute zehaztu, ordea, heriotza noiz gertatu den. Tokira joan den medikuak baieztatu du arrazoi naturalengatik izan dela.
|
2023-10-29
|
https://www.berria.eus/albisteak/234549/euskal-eskola-publikoakinoiz-jasoko-duen-eraso-handiena-gaitzetsi-dute-donostian.htm
|
Gizartea
|
Euskal Eskola Publikoak «inoiz jasoko duen eraso handiena» gaitzetsi dute Donostian
|
Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak deituta, protesta egin dute. Eusko Legebiltzarreko alderdiei legea bertan behera uzteko eskatu diete.
|
Euskal Eskola Publikoak «inoiz jasoko duen eraso handiena» gaitzetsi dute Donostian. Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak deituta, protesta egin dute. Eusko Legebiltzarreko alderdiei legea bertan behera uzteko eskatu diete.
|
«Legearen sakoneko mamia birpentsatu eta utz dezatela bertan behera sare pribatuko ikastetxeen interes partikularrak mantentzen dituen lege hau». Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak deituta eta Euskal eskola publikoaren alde, Hezkuntza Lege honi ez! lelopean, manifestazioa egin dute gaur Donostian. Han izan dira zenbait sindikatu, alderdi eta eragiletako ordezkariak.
«Eusko Jaurlaritzak, herritar guztiona eta benetako zerbitzu publikoa den Euskal Eskola Publikoa sendotzeko neurriak hartu beharrean, sare pribatu-itunduaren alde jokatu du behin eta berriro», adierazi dute manifestazioaren amaieran irakurritako manifestuan. Hartan, Hezkuntza Legeari hainbat kritika egin dizkiote. Besteak beste, gaitzetsi dute ez jartzea eskola publikoa hezkuntza sistemaren arretagunean, eta betikotu nahi izatea sistema publiko-pribatua: «Sare publikoa eta pribatua berdindu egiten ditu, gauza bera balira bezala. Ez du eskola publikoa lehenesten; aldiz, itunpeko ikastetxeei aro luze baterako garapena zein finantzaketa bermatzen die».
Hortaz gain, plataformak salatu du legeak ez duela neurririk hartzen «ikasle guztiak euskalduntzeko», eta ardura hori ikastetxeen esku uzten duela horretarako «baliabideak bermatu gabe»: «Eusko Jaurlaritzak argi eta garbi utzi du egungo hizkuntza ereduek indarrean jarraituko dutela, euskalduntze prozesurako eraginkorrak ez direla denok jakin arren». Azkenik, salatu dute ikastetxe guztiak merkatuaren logikan sartzen dituela; hezkuntza sistemak duen segregazio arazo larriari aurre egiteko proposatzen dituen neurriak azalekoak direla; eta ez duela hezkuntza laikoa bermatzen.
Bestalde, gogorarazi dute Euskal Eskola Publikoaren aldeko hainbat eragilek ekarpenak egin zizkiotela legeari, baina haiek ez ez direla jaso bertan: «Eusko Jaurlaritzak entzungor egin dio Eskola Publikoaren alde egindako eta esandako guztiari». Hortaz, argi utzi dute Hezkuntza Legeak ez duela plataformaren oniritzirik.
Hitzaldiaren amaieran egin diete dei Eusko Legebiltzarra osatzen duten alderdi guztiei «hurrengo asteetan eztabaidatuko dituzten zuzenketen harira», eta legea bertan behera uzteko eskatu diete. Haien arabera, Euskal Eskola Publikoak «inoiz jasoko duen eraso handiena da».
|
2023-10-29
|
https://www.berria.eus/albisteak/234550/osasunari-azken-unean-egin-dio-ihes-puntu-batek.htm
|
Kirola
|
Osasunari azken unean egin dio ihes puntu batek
|
Ruben Garciak 85. minutuan sartu du berdinketaren gola, baina Iscok 94.ean garaipenarena sartu du modu ikusgarrian.
|
Osasunari azken unean egin dio ihes puntu batek. Ruben Garciak 85. minutuan sartu du berdinketaren gola, baina Iscok 94.ean garaipenarena sartu du modu ikusgarrian.
|
Osasunak ez du punturik eskuratu Benito Villamarin zelaian. Nafarrek ez dute neurketa txarra egin, baina Betisen izarrak, Isco Alarconek, sasoi betean dagoela erakutsi du. Lehen golean hark egin du Willian Josek errematatu duen erdiraketa, eta, luzapenean, berea izan da gol erabakigarria. Osasunaren gola Ruben Garciak sartu du, 85. minutuan.
Lehen zatia distira txikikoa izan da. Bi taldeek lan ona egin dute defentsan, eta gola sartzeko aukerak urriak izan dira. Osasuna, ohiko moduan, erdiraketen bidez saiatu da min egiten, baina arrakastarik gabe. Atsedenaldira iristear zela, Iscok baloi bat jaso du hegalean, eta bikain erdiratu du Willian Josek sareetara bidal zezan.
Bigarren zatia hobeto hasi dute gorritxoek. 49. minutuan gol bat baliogabetu diete jokoz kanpoko bategatik, eta 55.ean area kanpotik gol ikusgarria sartu du ia Lucas Torrok. Betisen alde, berriz, VARak baliogabetu duen penalti bat adierazi du epaileak.
Azkenean, Catenak bidalitako baloi luze batean heldu zaio saria Osasunari. Bravoren parean bakarrik geratu da Ruben Garcia, eta ederki amaitu du jokaldia. Bi taldeek berdinketa ontzat emango zutela zirudienean agertu da, berriro, Isco. Area ertzetik gol zoragarria sartu, eta garaipena eman dio bere taldeari.
Betis: Bravo; Bellerin, Riad, Pezzella, Miranda (Abner, 86. min); Guido, Marc Roca (Carvalho, 86. min), Ayoze (Abde, 74. min), Isco, Assane Diao eta Willian Jose (Luiz Henrique, 63. min).
Osasuna: Herrera; Ruben Peña (Kike Barja, 76. min), David Garcia, Catena, Eraso; Moncayola (Raul, 45. min), Torro (Ruben Garcia, 76. min), Moi Gomez, Aimar Oroz, Chimy Avila (Mojica, 45. min) eta Budimir (Ibañez, 88. min).
|
2023-10-29
|
https://www.berria.eus/albisteak/234551/realak-berdindu-egin-du-vallecasen.htm
|
Kirola
|
Realak berdindu egin du Vallecasen
|
Txuri-urdinek markagailua irauli dute Oiartzabalen bi goli esker, baina Bebek 91. minutuan sartu du etxekoen bigarrena area kanpotik.
|
Realak berdindu egin du Vallecasen. Txuri-urdinek markagailua irauli dute Oiartzabalen bi goli esker, baina Bebek 91. minutuan sartu du etxekoen bigarrena area kanpotik.
|
Realari gutxi falta izan zaio Rayori irabazteko. Neurketa ona egin dute txuri-urdinek, baina Rayok baloia gogor eta ondo astintzen duten jokalariak ditu; horixe erakutsi du gaur. Lehen gola heldu da Lejeunek urrutitik bota duen falta jaurtiketa baten aldaratzean (Mumin izan da golegilea), eta bigarrena ere lekutatik sartu du Bebek. Realaren biak Oiartzabalek sartu ditu; ligan, taldeko golegilerik onena da jada.
Lehen zatiari ausart ekin diote bi taldeek, baina zelai erdian mugitu da baloia. Lehen aukera Realak izan du: Braisek zutoinera bidali du falta jaurtiketa bat. Etxekoek erantzun dute: Remirori lan eginarazi dio Alvaro Garciak. Azkenean, geldikako jokaldi batean heldu da gola. Lejeunek falta jaurtiketa bortitza egin du, Remirori parean egin dio botea, urrundu du baloia atezainak, baina aldaratzean ere gogor jo du baloia Muminek. 30. minutua zen. Hamar minutura berdindu du partida Realak. Barrenetxeak erdiratu du baloia ezker hegaletik, eta Oiartzabalek lehenengoan errematatu du, eskuinez. Bikaina izan da erdiraketa, eta are hobea amaitzeko modua.
65. minutuan, epaileak Realaren aldeko penaltia adierazi du Pacha Espinok baloia eskuarekin ukitu duelako area barruan. Oiartzabalek, nork bestela, berea duen lasaitasunarekin bidali du baloia sareetara. Hortik aurrera, emaitzari eutsi eta kontraerasoak baliatzen saiatu da Realak. Remirok Cabellori buruz buruko bat gelditu dio, baina 91. minutuan ezin izan du ezer egin. Jokalari berezia da Bebe; zelaiko edozein lekutatik saiatzen da gola sartzen, eta gaur atera zaio bere jokaldia. Garaipenaren gola sartzear izan da Umar Sadiq azken minutuan, baina kanpora joan zaio buruz egin duen errematea.
Sailkapen nagusian, behin-behinean, bosgarren da Reala hemeretzi punturekin.
Rayo: Dimitrievski; Balliu, Mumin, Lejeune, Pacha Espino (De Frutos, 79. min); Unai Lopez (Camello, 70. min), Pathe Ciss (Falcao, 79. min), Alvaro Garcia, Isi Palazon, Trejo (Kike Perez, 69. min); eta RDT (Bebe, 84. min)
Reala: Remiro; Traore, Zubeldia, Pacheco, Aihen; Zubimendi, Turrientes (Olasagasti, 79. min), Brais Mendez; Kubo (Sadiq, 79. min), Barrenetxea (Cho, 57. min) eta Oiartzabal (Zakharian, 89. min).
|
2023-10-29
|
https://www.berria.eus/albisteak/234552/pena-iia-lau-eta-erdiko-txapelketako-finalerdietan-ariko-da.htm
|
Kirola
|
Peña II.a Lau eta Erdiko Txapelketako finalerdietan ariko da
|
Artolaren aurka irabazi du neurketa erabakigarria (20-22). Peio Etxeberriaren kontra jokatuko du.
|
Peña II.a Lau eta Erdiko Txapelketako finalerdietan ariko da. Artolaren aurka irabazi du neurketa erabakigarria (20-22). Peio Etxeberriaren kontra jokatuko du.
|
Erabaki da Lau eta Erdiko txapelketako finalaurrekoak nork jokatuko dituen. Jon Ander Peñak Iñaki Artolaren aurka irabazi du (20-22) Tolosako (Gipuzkoa) Beotibar pilotalekuan, eta Peio Etxeberriaren aurka ariko da datorren astean. Beste finalerdian Jokin Altunak eta Erik Jakak neurtuko dituzte indarrak.
Beotibar bete egin da gaur. Partida ikusgarria izan da, bizia eta emozioz beterikoa, eta bi pilotariek izan dituzte irabazteko aukerak azken tantora arte. Amaieran Peñak asmatu du gehiago, eta horri esker lortu du saria.
Ikusi gehiago: Txapelduna eraitsi du
|
2023-10-29
|
https://www.berria.eus/albisteak/234553/athleticek-puntu-bat-lortu-du-valentziaren-aurka.htm
|
Kirola
|
Athleticek puntu bat lortu du Valentziaren aurka
|
Berenguerrek azken minutuan sartu du berdinketaren gola, buruz. Atezainak izan dira partidako onenak.
|
Athleticek puntu bat lortu du Valentziaren aurka. Berenguerrek azken minutuan sartu du berdinketaren gola, buruz. Atezainak izan dira partidako onenak.
|
Norgehiagoka ikusgarria jokatu dute Athleticek eta Valentziak San Mamesen. Bi taldeek izan dituzte gola sartzeko aukera asko eta onak, bina sartu dituzte, eta ez dira gehiago izan, Unai Simon eta Mamardaxvili parean zeudelako. Lehen zatian hartu dute aurrea etxekoek, bigarrenean markagailua irauli dute bisitariek, eta Berenguerrek, buruz, berdinketa lortu du azken minutuan. Zapore gazi-gozoa utzi du puntuak.
Defentsa lanetan ez da fin aritu Athletic. Valentziak zelai erdia pasatzen zuen bakoitzean sortzen zuen arriskua, hegaletatik batez ere. Protagonista nagusiak, ordea, atezainak izan dira: bakoitzak dozena erdi geldiketa ikusgarri egin ditu. Lehen gola De Marcosek sartu du, 32. minutuan. Nico Williamsen pase bat baliatu, eta jaurtiketa bortitza egin du area barrutik.
Markagailuari buelta emateko bost minutu behar izan ditu Valentziak. Fran Perezek 62. minutuan sartu du bisitarien lehenengoa, eta, 67.ean, berak eman dio bigarrena sartzeko pasea Hugo Durori. Jarraian, atzean sartu da Barajaren taldea, eta Athletic erdiraketen bidez saiatu da min egiten. Kanpokoen asmoa arrakastatsua izango zela zirudienean heldu da saria: Iñaki Williamsen erdiraketa bat sareetara bidali du Berenguerrek 97. minutuan.
Sailkapen nagusian seigarren da Athletic, hemezortzi punturekin.
Athletic: Unai Simon; De Marcos, Vivian, Paredes (Prados, 64. min), Imanol; Ruiz de Galarreta, Dani Garcia (Vesga, 64. min), Sancet (Muniain, 71. min); Nico Williams (Berenguer, 68. min), Iñaki Williams eta Guruzeta (Villalibre, 68. min).
Valentzia: Mamardaxvili; Correia, Gaya, Cristhian, Paulista; Amallah (Sergi Canos, 58. min), Pepelu, Fran Perez (Foulquier, 72. min), Javi Guerra; Diego Lopez (Guillamon, 77. min) eta Hugo Duro (Yaremchuk, 73. min).
|
2023-10-30
|
https://www.berria.eus/albisteak/234554/asier-otamendik-irabazi-du-azken-kanporaketa.htm
|
Kultura
|
Asier Otamendik irabazi du azken kanporaketa
|
Zehaztu dute 2024ko txapelketan zein hemezortzi bertsolarik parte hartuko duten.
|
Asier Otamendik irabazi du azken kanporaketa. Zehaztu dute 2024ko txapelketan zein hemezortzi bertsolarik parte hartuko duten.
|
Atzo jokatu zen 2024ko Arabako Bertsolari Txapelketarako sailkatzeko azken kanporaketa Asparrengo udaletxean, eta Asier Otamendik irabazi zuen saioa. Horrenbestez, erabakita gelditu da txapelketan parte hartuko duten bertsolarien zerrenda. Lau kanporaketa jokatu dira, eta horietako bakoitzeko irabazleak zuzenean sailkatu dira, eta beste bederatzi bertsolari, berriz, puntuazioaren arabera igaroko dira txapelketara. 2022ko txapelketako bost finalista zuzenean zeuden sailkatuta lehenagotik.
Atzoko saioan Otamendik 188,5 puntu eskuratu zituen. Beste bost bertsolariak horrela gelditu ziren: Aroa Arrizubieta (187 puntu), Eli Zaldua (177), Manu Bendala (168,5), Oier Arbina (162) eta Aitor Najera (150).
Honako bertsolari hauek parte hartuko dute txapelketan:
1. Peru Abarrategi (2022ko txapelduna)
2. Manex Agirre (2022ko finalista)
3. Iñaki Viñaspre (2022ko finalista)
4. Xabi Igoa (2022ko finalista)
5. Paula Amilburu Izargarai (2022ko finalista)
6. Unai Anda: 196.5 puntu (1. kanporaketako irabazlea)
7. Maddi Agirre: 188 puntu (2. kanporaketako irabazlea)
8. Ekaitz Samaniego: 172.5 puntu (3. kanporaketako irabazlea)
9. Asier Otamendi Alkorta: 188.5 puntu (4. kanporaketako irabazlea)
10. Aroa Arrizubieta Barredo: 187 puntu
11. Aitor Ugarte Eriz , 185 puntu
12. Martin Abarrategi Sarrionandia: 182.5 puntu
13. Orlando Arreitunandia Arinas: 179 puntu
14. Eli Zaldua Barquin, 177 puntu
15. Felipe Zelaieta, 175.5 puntu
16. Rikardo Gonzalez de Durana: 172 puntu
17. Danel Herrarte Nafarrate: 171 puntu
18. Izar Mendiguren Cosgaya: 169,5 puntu
Oihana Bartra, garaile Bizkaiko txapelketan
Oihana Bartrak irabazi zuen, atzo, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako bosgarren kanporaketa, Igorren. 477,5 puntu eskuratu zituen Bartrak, eta haren atzetik sailkatu ziren Aissa Inxausti (455,5), Asier Galarza (447,5), Jone Larrinaga (437,5), Janire Arrizabalaga (437,5) eta Eneko Aldana (410)
Asteazkenean txapelketako azken kanporaketa jokatuko da; arratsaldez, 17:00etan, Lekeitioko Ikusgarri zineman. Han jakingo da finalaurrekoetan zein bertsolari arituko diren. Bertsolari hauek parte hartuko dute saioan: Aitor Arrutia Azkueta, Beñat Bilbao Landa. Eneko Abasolo Txabarri. Koldo Gezuraga Seijido. Maite Sarasola Isazelaia eta Peru Irastortza Santxo.
|
2023-10-30
|
https://www.berria.eus/albisteak/234555/gaur-hasiko-da-sormene-jaialdia-zaintza-ardatz-hartuta.htm
|
Kultura
|
Gaur hasiko da Sormene jaialdia, zaintza ardatz hartuta
|
Emakume musikarien inguruko solasaldi batekin ekingo diote aurtengo egitarauari, arratsean. Azaroaren 5a bitarte, diziplina askotako kideak bilduko dira Galdakaon.
|
Gaur hasiko da Sormene jaialdia, zaintza ardatz hartuta. Emakume musikarien inguruko solasaldi batekin ekingo diote aurtengo egitarauari, arratsean. Azaroaren 5a bitarte, diziplina askotako kideak bilduko dira Galdakaon.
|
Arratsaldean abiatuko da Sormene jaialdia, eta, azaroaren 5era bitarte, kultura diziplina ugaritako lagunak elkartuko ditu Galdakaon (Bizkaia). Zaintza jarri dute ardatzean aurten, Gotzon Barandiaran zuzendari artistikoak azaldu duen moduan: «Zaintza, euskarazko kultur sorkuntzarentzat, hizkuntza zaintzea da, euskaraz sortzen duten sortzaileak zaintzea da, gure kulturgintzaren oraina eta historia zaintzea da; eta transmisioarekin lotuta dago erabat». Halaber, azaroaren 4an euskararen aurkako oldarraldi judizialaren kontra Bilbon egingo den manifestazioa nahiz azaroaren 30ean zaintzari erreparatuko dion greba feminista orokorra gogora ekarrita, Sormene testuinguru «esanguratsu batean» egingo dela uste du Barandiaranek: «Euskarazko kulturgintzaren transmisioa, euskararen transmisioa, zaintza ariketa bat da. Horren arabera aukeratu ditugu udazkeneko edukiak eta egitaraua».
Emakume musikarien inguruko solasaldi batekin ekingo diote jaialdiari. Genealogia berri bat izenburupean, Garazi Navasek, Lide Hernandok, Maria Riverok eta Aintzane Camarak parte hartuko dute, eta Ihintza Orbegozo musika kritikaria arituko da moderatzaile. Maurizia Aldeiturriaga pandero jotzailearen garaitik orain arteko bidea landuko dute mahai inguruan. Torrezabalen bilduko dira, 19:00etan.
Ikastetxeetan bi tailer ere egingo dituzte, antzerkia eta musika lantzeko. Bihar goizean izango da lehena: Metrokoadroka Sormen Laborategiak gidatuko du eskoletako antzerki tailerra, eta, hurrengo egunean, Zeozertan dabil baina ez dakit zertan bere azken antzezlana taularatuko du, Torrezabalen, 19:00etan.
Azaroaren 3an, berriz, ostiralez, ikastetxeetako ikasleentzako pandero tailerrak izango dira goizez, Iturrondoko karpan, Maixa Lizarribar trikitilari eta pandero jotzailearekin. Leku berean, 19:00etan, bertso saioa eskainiko dute Nerea Ibarzabal, Saioa Alkaiza, Onintza Enbeita, Irantzu Idoate eta Oihane Perea bertsolariek, Maite Berriozabal gai jartzaile dutela. Eta 22:00etan, leku berean, Ibil Bedi taldearen kontzertua izango da.
Azaroaren 4rako ez dute jarduerarik antolatu, Euskalgintzaren Kontseiluak deitutako manifestazioarekin bat egiteko asmotan. Hala, azaroaren 5ean itxiko dute jaialdia, beste bi ekitaldirekin. Eguerdian, Iturriondoko karpan, perkusio instrumentuak sortu eta jotzeko tailerra egingo dute haurrentzat eta gurasoentzat. Eta 19:00etan, berriz, Libe Goitiaren Fast Fatum liburuko poemetan oinarritutako kontzertua egingo dute, espresuki Sormenerako sortutakoa.
|
2023-10-30
|
https://www.berria.eus/albisteak/234556/balorazio-batzordeak-66-biktimari-eman-die-aitortza-torturetan-eta-haren-eraginetan-indar-eginda.htm
|
Politika
|
Balorazio batzordeak 66 biktimari eman die aitortza, torturetan eta haren eraginetan indar eginda
|
Batzordeak 2022-2023ko ikasturteko txostena aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean. 66 biktima aitortu dituzte; tartean dira 49 tortura kasu, eta Joxi Zabalaren eta Josu Mujikaren hilketak. Baliabide gehiago eskatu dituzte lanerako, eta orain arte izandako «zailtasun handiak» salatu.
|
Balorazio batzordeak 66 biktimari eman die aitortza, torturetan eta haren eraginetan indar eginda. Batzordeak 2022-2023ko ikasturteko txostena aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean. 66 biktima aitortu dituzte; tartean dira 49 tortura kasu, eta Joxi Zabalaren eta Josu Mujikaren hilketak. Baliabide gehiago eskatu dituzte lanerako, eta orain arte izandako «zailtasun handiak» salatu.
|
Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak beste 66 biktima aitortu dituela jakinarazi du Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubide, Berdintasun eta Justizia Batzordean eginiko agerraldian. 2022-2023ko kurtsoko txostenean jaso dituzten datuen arabera, besteak beste, torturak jasandako 49 laguni eman diete aitortza. Era berean, batzordeak segurtasun indarrek eta eskuin muturreko taldeek hildako Joxean Lasa, Josu Mujika eta beste zazpi lagun aitortu ditu biktima gisa. Aurrera begira, berriz, baliabide gehiago eskatu dituzte oraindik ere aztertzen ari diren kasuak ebazteko, eta biktimek eskaerak luzatzeko epe berri bat irekitzea galdegin dute, eta zenbait erakunderen jarrera txarretsi.
Ikusi gehiago: Estatuaren biktimekiko dagoen «anestesia orokorra apurtzera» deitu dute Eusko Legebiltzarrean
Batzordeak jakinarazi duenez, 2022ko uztailetik 2023ko ekainera bitarte, 131 espedienteren inguruan ebatzi dute, eta horietatik 66ri eman diete aitortza —denera, orain arte 143 aitortu dituzte—. Urraketa gehienak (48) Gipuzkoan eman ziren, eta hamar Euskal Herritik kanpo. Era berean, kasu gehienak 1970eko hamarkadakoak dira. Biktimei dagokionez, berriz, 66tik 11 emakumeak dira, eta bi herenek 24 urte edo gutxiago zituzten urraketak pairatu zituztenean —bost lagun 16 urtetik beherakoak ziren—. Biktimarioari dagokionez, berriz, Guardia Zibila eta Espainiako Polizia nabarmentzen dira: hamazazpi kasutan lehena da urraketen egilea, 32 kasutan bigarrena eta 11 kasutan biak —Ertzaintzarekin lotutako kasurik ez dago—. Talde parapolizialei dagokionez, txostenean ageri dira BVE, Triplea A, ANE, GAL eta Guerrilleros de Cristo Rey.
Hilketak eta erasoak
Txostenean bederatzi hileta kasu ageri dira: zazpi poliziak edo eskuin muturreko taldeek tiroz hil zituzten; bat eskuin muturreko talde batek «kolpeka, bortxatu ondoren»; eta azkena, Joxi Zabala, «hil egin zuten, bahitu, bortxaz desagerrarazi eta torturatu ondoren».
Izatez, Joxi Zabalarena da txostenean osorik idatzirik ageri den izen bakarra, kasuaren ezagutza maila kontuan hartuta, hura publiko egitea ebatzi baitute. Testuan, gorpuak Tolosan ehorzteko prozesuak senideei eragindako «mina» ere jasotzen du. Era berean, erreferentzia egiten dio Joxean Lasari ere, nahiz eta batzordeak ez duen haren inguruko irizpenik eman, «senideek ez zutelako aitortza eskaera egin legean ezarritako epearen barruan».
Poliziak hildako biktimen artean dago Josu Mujika ere. Haren senideek ostiralean eman zuten horren berri, Legazpin egindako agerraldi batean. Hura 1975eko uztailaren 30ean hil zuen tiroz poliziak, Madrilen, ETApm-ren aurkako operazio batean. Haren kasuaren berri ematean, batzordeak azaldu du ezin izan duela gertatu zena zehatz-mehatz ebatzi, eta salatu du kasu haren ikerketa ez zela independentea izan: «Desagertu egin ziren elementu giltzarriak; hala nola autopsia, gorpua altxatzeko ekintzaren txostena, balistikako txostena eta gorpua altxatu zuten uneko argazkiak».
Balorazio batzordearen lanetako bat izan da biktima horien senideak entzutea ere. Horien artean, «diskriminazio» eta «erabateko ahanztura» sentimenduak nabarmentzen direla jaso du txostenak, eta gehitu «erantzukizun politikoa aitortzea» eta kasuak argitzea eskatzen dutela, aitortza zabalago batekin batera.
Poliziek eragindako zauriengatik, berriz, sei laguni aitortu diete biktima izaera. Biri poliziek egin zieten tiro, pistolarekin, eta beste bati Guerrilleros de Cristo Rey eskuin muturreko taldeko kide batek. Laugarren batek ikusmena galdu zuen 13 urte zituela, Espainiako Poliziak jaurtitako gomazko pilota baten ondorioz. Beste biak poliziak egindako «eraso larriengatik zauritutakoak» dira, Lemoizko zentralaren aurkako eta Gladys del Estalen hilketa salatzeko manifestazioetan.
Torturak
Balorazio batzordeak torturak eta tratu txarrak jasandako 49 laguni aitortu dio biktima izaera. Gehien errepikatzen diren tortura lekuak Gipuzkoako Gobernu Zibila eta Guardia Zibilaren Antiguako komandantzia dira, biak ere Donostian. Gainera, zenbaitek behin baino gehiagotan jasan zituzten: esaterako, biktimetako bat bederatzi aldiz egon zen atxilotuta. Gainera, txostenak jasotzen du asko kargurik gabe aske utzi zituztela torturatu ostean, eta beste zenbait kasutan epaiketarik ere ez zela egin.
Dokumentuan, biktimek jasandako erasoen berri ematen da, eta balorazio batzordeak torturek izandako bilakaera ere jasotzen du: «Diktaduran, askotariko ekitaldietan edo gertaeretan sarekada masiboak egiten zirenean, baita salbuespen-egoeretan ere, aztarnak uzteak ez zuen axola, eta, funtsean, atxilotua fisikoki nekatzea izaten zen helburua. Gero, modus operandi hori utzi gabe, tortura psikologikoa eta metodo sofistikatuagoak gailendu ziren, atxilotuak hausteko». Horiek hala, askotariko torturen berri eman diete biktimek batzordeko kideei: hamar eguneko atxiloketa inkomunikatuak, orduak igarotzea eskuburdinetatik zintzilik, asfixia teknikak —poltsa eta bainuontzia—, elektrodoen erabilera, exekuzio simulazioak, jipoiak, mehatxuak... Horiei gehitu behar zaizkie atxiloketa arbitrarioak, birbiktimizazio jarrerak eta familiari eragindako sufrimenduak.
Horiek hala, txostenak azaltzen du torturatuen artean «hil nahi izatea» sarri errepikatzen den sentimendu bat dela. «Hain zen egoera latza, ezen leihotik behera salto egitea pentsatu bainuen, galdeketen gelako leihotik lorategietara, baina itxita egoten zen beti. Ezer sinatzeko prest ez nengoenez, hantxe hil nintzaten erregutzera iritsi nintzen», dio txotenean jasotako testigantzetako batek. Era berean, torturak egon izanak eragindako «frustrazioa» ere salatzen da.
Torturei genero ikuspegitik erreparatuz, berriz, testuak azaltzen du tortura kasuetan emakumeek «sexu indarkeria pairatzeko arrisku espezifiko eta erantsia» daukatela, eta euskal gatazkaren testuingurua ez da salbuespena arlo horretan. Hala, txostenak azaltzen du, besteak beste, antzu uzteko mehatxuak, irain sexualak, «ukitu, begirada eta komentario lizunak», zein «feminitateari eta janzkerari buruzko irainak» jasan behar izan zituztela torturatutako emakumeek. Gizonen kasuan, aldiz, barrabiletan emandako kolpeak, «gizontasunari buruzko laidoak eta antzu uzteko mehatxuak», arreba edo bikotekidea atxilotzeko eta bortxatzeko mehatxuak dira torturetako batzuk.
Lan egiteko zailtasunak
Txostenaren arabera, batzordeak zenbait erakunderekin izan ditu harremanak instrukzio lanak egiteko, eta, kasu gehienetan «elkarlanerako» jarrera izan duten arren, azaldu dute arazoak ere izan dituztela: «Egiaztatu dugunez, jarrera bereziki oztopatzailea izan dute artxibategi militarrek, orain artean egindako eskaeren artetik batean bakarrik eskuratu ahal baitugu dokumentazioa». Era berean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako auzitegietako espedienteetako informazioa eskuratzeko «zailtasun handiak» salatu dituzte, eta erakundeei eskatu diete lan hori errazteko. «Dokumentazio jakin bat lortzeko orduan azkarrago eta arreta handiagoz jokatzen ez bada kalte handia eragin dakiokeelako Batzorde honen lanari», zehazten da testuan, argudiatuta zenbait kasutan denborak «eskatzaileen kontra» egiten duela.
Era berean, baina, Kriminologiaren Euskal Institutuarekin duten lankidetza nabarmendu dute, eta hark torturaren eta tratu txarren inguruan osatutako txostenen garrantzia azpimarratu. Azaldu dutenez, hainbat kasutan horiek baliagarriak izan dira batzordearen lanerako: «Kasu batzuetan, saihestu egin da biktimak gertatutakoa berriro kontatzea, horrek pertsonari eragiten dion estutasuna dela eta».
Biktimen eskea
Txostenaren arabera, biktimek zenbait eskaera egin dituzte balorazio batzordearekin izandako bilkuretan. Horien artean nabarmentzen dira gertatutakoaren inguruko egia «ofizialki aitortzeko» eta kalte ordainak bideratzeko eskaerak. Era berean, baina, biktimen arteko «bidegabekeria konparatiboak» amaitzeko eta justizia errestauratiboa «norabide jakin batean» bakarrik ez aplikatzea galdegin dute, birbiktimizazio egoerak eteteko.
Tortura kasu zehatzean, haren erabilera aitortzea exijitu dute, torturaren ukazioa amaitzeko. Era berean, neurriak eskatu dituzte halako praktikak «zigorgabe» ez uzteko, eta biktimei erreparazioa emateko.
Gomendioak
Aurrez egindako txostenetan bezala, Eusko Jaurlaritzari eta Eusko Legebiltzarrari egindako gomendio sorta bat plazaratu du balorazio batzordeak. Taldeak biktimei aitortza egiteko ekitaldi instituzionalak sustatzeko eskatu du, «goreneko mailako aitortza» jaso dezaten biktimek. Era berean, halako ekitaldietan biktimek parte hartzea beharrezkotzat jo du, eta hala helarazi die Eusko Jaurlaritzari eta Eusko Legebiltzarrari, eta erakunde horiei gomendatu die eskaera hori Espainiako estatuko erakundeei ere egitea, estatuaren pean lan egiten duten segurtasun indarrak izan baitira urraketa horietako askoren erantzule.
Era berean, 12/2016 legea erreformatzeko beharra azaldu dute, bi alorretan. Batetik, kalte ordainak banatzeko sistema aldatzea, ez duelako bat egiten «biktimen errealitatearekin, ezta nozitu zituzten urraketen etiologiarekin ere». Azaldu dutenez, egungo sistemarekin, ondorio larri eta iraunkorrak ez dituztenek ez dute kalte ordainik jasotzen edo «ordain benetan barregarriak» jasotzen dituzte, «bidegabekeriak sorraraziz». Hala, zehaztasunera jota, adierazi dute ezabatu egin behar dela torturak jasan arren kalte ordainik ez jasotzeko aukera.
Batzordeak azaldu du egun dituzten baliabideekin ez dutela iristen zaien eskaera kopurua osoki bideratu, eta horrek atzerapenak eta, ondorioz, «frustrazioa, inpotentzia eta sufrimendu erantsia» eragiten dituela. Hala, errefortzuak eskatu dituzte, auzitegi perituen taldea laguntzeko, auzitegietara iritsitako kasuak aztertzeko eta Justizia Administrazioaren eta batzordearen arteko lana errazteko. Horrekin batera, aitortza eskea egiteko epeak berriz irekitzeko ere eskatu dute, besteak beste, Joxean Lasaren kasuak erantzun bat izan dezan.
|
2023-10-30
|
https://www.berria.eus/albisteak/234557/aita-mari-ontziak-112-pertsona-erreskatatu-ditu.htm
|
Gizartea
|
'Aita Mari' ontziak 112 pertsona erreskatatu ditu
|
Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundeak jakinarazi duenez, hemeretzi adingabe daude erreskatatuen artean.
|
'Aita Mari' ontziak 112 pertsona erreskatatu ditu. Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundeak jakinarazi duenez, hemeretzi adingabe daude erreskatatuen artean.
|
Aita Mari ontziak 112 pertsona erreskatatu zituen herenegun iluntzean Mediterraneo itsasoan, erdialdeko ibilbidean. Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundeak jakinarazi duenez, bi erreskate egin zituzten. Gaur eguerdian lehorreratzekoak dira Reggio di Calabrian (Italia). Erreskatatu guztiak «ondo» daude, baina ahul eta zorabiatuta daude, eta hipotermia sintomak ere badituzte. Erreskatatuen artean hemeretzi adingabeak dira, horietako sei 0 eta 3 urte bitarteko haurtxoak eta hiru 3 eta 12 urte bitarteko umeak.
Tripulazioko kideek azaldu dutenez, herenegun arratsaldean nabigatzen ari zirela egurrezko txalupa bat ikusi zuten, eta laguntzera joan ziren. Bertan zeuden 55 lagunak erreskatatu zituzten. Erreskate hura egiten ari zirela, abisu bat jaso zuten esateko inguruan beste txalupa bat zegoela noraezean. Bertara joatea erabaki zuten. Itxaso txarra zegoen, eta erreskatea «konplikatu xamarra» izan bazen ere, lortu zuten 57 pertsona salbatzea.
Horrelakorik ez gertatzeko, berriro ere, pasabide seguruak eskatu dituzte migratzaileentzat: «Inork ez luke bere bizitza itsasoan arriskuan jarriko legezkoak eta seguruak diren pasabideak jarriz gero, eta behartuta egongo ez balira tokialdatzera».
Hamabost egunean bigarrena
Ez da Aita Mari ontziak azken egunetan egin duen erreskate bakarra. Orain bi aste, urriaren 13an, 69 lagun erreskatatu zituzten. Italiako Gobernuak Napolin porturatzeko agindu zien, nahiz eta hasieran Genovara bideratu nahi zituen, erreskatea egin zuten lekutik 965 kilometrora.
|
2023-10-30
|
https://www.berria.eus/albisteak/234558/netanyahuk-su-etenerako-deiak-baztertu-ditu-gerrarako-garaia-da.htm
|
Mundua
|
Netanyahuk su etenerako deiak baztertu ditu: «Gerrarako garaia da»
|
Israelgo armada Gaza hirira gerturatzen ari da. Zerrendaren iparraldea eta hegoaldea zeharkatzen dituen Salah al-Din errepidearen kontrola hartu dute goizaldean, baina, Hamasen arabera, atzera egin dute dagoeneko.
|
Netanyahuk su etenerako deiak baztertu ditu: «Gerrarako garaia da». Israelgo armada Gaza hirira gerturatzen ari da. Zerrendaren iparraldea eta hegoaldea zeharkatzen dituen Salah al-Din errepidearen kontrola hartu dute goizaldean, baina, Hamasen arabera, atzera egin dute dagoeneko.
|
Israelek ez ditu erasoak geldituko Hamas suntsitu artean, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak gaur adierazi duenez. «Bibliak esaten du badela garai bat bakerako eta garai bat gerrarako. Hau gerrarako garaia da». Hitz horiekin, baztertu egin ditu azken egunetan atzerritik eta Israelgo gizarte sektore batzuetatik Gazaren kontrako erasoak gelditzeko egin dizkioten eskariak. «Su etenerako deiak Israeli Hamasen aurrean amore emateko eskeak dira. Hori ez da gertatuko», ziurtatu du.
Hala, Israelgo armadak Gazaren gaineko bonbardaketak areagotzen eta lurreko inbasioa hedatzen jarraitzen du. Gaza barrura sartu eta hiru egunera, bidean aurrera egiten ari dira tropak, Gaza hirira gerturatzeraino. Eremua inguratua daukate tankeek, eta horrek nabarmen zailtzen du armadak gazatarrei emandako agindua bete ahal izatea: Gaza hiritik irten eta hegoaldera joatea. Izan ere, hortik irteteko ebakuazio bide guztiak blokeatuta ditu Israelek.
Lehorreko erasoaldiaren harira, borrokan ari dira soldadu israeldarrak eta miliziano palestinarrak. «Erresistentzia beti dago prest Israelen lehorreko inbasioari aurre egiteko», esan du Hamaseko bozeramaile Hazem Qasemek. Haren arabera, Gaza hego-ekialdeko eremu bat inbaditu dute tropa israeldarrek, eremu horixe bera masiboki bonbardatu ondoren.
Halaber, Gaza goitik behera zeharkatzen duen Salah al-Din errepide nagusira iritsi dira goizean Israelgo tropak. Hamasen adar politikoko buru Salama Marouferen arabera, ordu gutxira atzera egin dute. «Dagoeneko ez dago okupatzailearen armadaren presentziarik errepidean». Israelek, ordea, ez du halakorik baieztatu. Are, irudi du ez duela lehorreko borrokaldian atzera egiteko asmorik. Egunetik egunera, lehorreko operazioak gehiago «hedatuko» dituztela iragarri du armadako bozeramaile Daniel Hagarik, «eskura daukaten guztiarekin»; hau da, lehorreko soldaduekin, tankeekin eta infanteriarekin. Haien arabera, milizia palestinarren 600 «helburu militarri» egin diete eraso bigarren fase hori hasi zutenetik. Gazako biztanleek Al-Jazeera telebista kateari esan diotenez, berriz, Salah al-Din errepidea zeharkatzen saiatzen den edonori tiro egiten ari dira.
Israelgo armada iparraldetik sartu zen zerrendara, ostiral iluntzean, eta barruan daude ordutik. Inbasioa hasi baino lehen, nabarmen areagotu zituzten Gazaren aurkako aire bidezko erasoak, eremuko telekomunikazio eta Internet zerbitzuak bertan behera uzteraino. Horrela, zerrendako biztanleak erabat bakartuta utzi zituen Tel Avivek 36 orduz.
Orain, beste mehatxu posible baten zain daude Gazako herritarrak. Zerrendako zenbait ospitaleri ebakuazio agindua eman zien Israelek atzo, eta gaur lehenengoz egin dio eraso horietako bati, zuzenean. Minbizi tratamendura bideratutako Turkiaren eta Palestinaren Arteko Elkartasun Ospitalea bonbardatu du —Ankarak eraikitakoa—. Ospitaleko zuzendari Sobhi Skeikek azaldu duenez, leherketak eraikinaren hirugarren solairua kaltetu du, eta toki hartan ez zegoen gaixorik ezta osasun langilerik ere. Hala ere, adierazi du Israelen lehergailuek «behin eta berriz» jo dutela ospitalearen ingurua, atzotik. Berdin Al-Quds ospitalean ere, zeina zerrendako handienetakoa den eta milaka zauritu eta errefuxiatu artatzen ari den. Oraingoz, ez dute zuzenean ospitalea bonbardatu, baina inguruko eraikinei eraso egiten ari dira.
Urriaren 7tik geroztik, etengabe gora doa Israelek hildako palestinar kopurua: 8.300 baino gehiago dira dagoeneko —eta 21.000tik gora zaurituak—. Horietatik guztietatik, heren bat baino gehiago, 3.000tik gora, adingabeak. Horren harira datu esanguratsu bat eman du Save The Children erakundeak; hots, 2019tik mundu osoan izandako gatazka guztietan denera baino haur gehiago hil dira Tel Aviven azken erasoaldi honetan.
Giza laguntza eta bahituak
Laguntza humanitarioko 33 kamioi sartu dira gaur goizean Gazan, Rafahko pasabidea –Egiptoren eta Gazaren arteko mugan– ireki zutenetik egun bakarrean sartutako gehien; eta, halere, ez da nahikoa. Nahiz eta bidea irekita egon, Israelen aire erasoek nabarmen zailtzen dute kamioiak alde batetik bestera igarotzea. Horrenbestez, NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari Martin Griffiths Israelera joan da, «laguntza humanitarioa areagotzea» helburu hartuta. Bi aldeetako agintariekin —Israelgoekin eta Palestinakoekin— bilduko da horretarako. Era berean, bahituen aferaz hitz egiteko ere baliatuko du bisita, auzi horrek Israelgo biztanle asko kezkatzen baititu.
Bada, urriaren 7az geroztik bahitutako 226 pertsona horietako hiru agertzen dira Hamasek zabaldu berri duen bideo batean. Hiru emakumeetako batek hitz egiten du bideoan, eta zuzenean mintzatzen zaio Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroari: «Urriaren 7an egindako hutsegite politiko eta militarraren ondorioak pairatzen ari gara. Ez zen armadarik etorri gu laguntzera. Inork ez gintuen babestu». Horren atzetik datoz bahituak aske uzteko eskea, eta horretarako baldintza: «Utz gaitzazue aske. Utzi aske haien [palestinarren] herritarrak, presoak, utz gaitzazue aske. Utz iezaguzue gure familiarengana itzultzen».
Israelen erreakzioa berehala iritsi da. Netanyahuk Hamasi leporatu dio «propaganda psikologiko krudela» egitea, eta, gero, hitzeman du «edozer eta ahal duten guztia» egingo dutela preso hartutakoak Israelera eta familiakoengana itzultzeko. Lehen ministroak ukatu egin du erasoak gogortzeak bahituak askatzea zailduko duenik. Haren esanetan, kontrakoa da; Hamas gatibuak askatzeko akordio bat egitera behartuko du. «[Hamasek] Soilik presiopean egingo du. Honek presioa eragingo dio». Talde islamistak esana du bahitu guztiak askatzeko prest dagoela Tel Avivek Israelgo espetxeetan preso dituen palestinar guztiak askatzen baditu.
Netanyahuren adierazpen horien ondotik, prentsaurrekoa egin dute Hamasek bahitutakoen senide batzuek. Ez diote gobernuari erasoaldia eteteko edo mugatzeko eskari zuzenik egin. Netanyahuri eskatu diote «ahal duen guztia egiteko» gatibuak beren etxeetara itzuli daitezen. Israelgo armadak jakinarazi du Hamasek bahitutako soldadu bat erreskatatu duela gaur.
|
2023-10-30
|
https://www.berria.eus/albisteak/234559/inflazioaren-igoera-eten-egin-da.htm
|
Ekonomia
|
Inflazioaren igoera eten egin da
|
INEk ez du aldaketarik ikusi Espainiako datuan. Erregaiak merkatu egin dira, eta elikagaiak iaz baino gutxiago garestitu dira.
|
Inflazioaren igoera eten egin da. INEk ez du aldaketarik ikusi Espainiako datuan. Erregaiak merkatu egin dira, eta elikagaiak iaz baino gutxiago garestitu dira.
|
Azken hiru hilabeteetako goranzko joera eten du inflazioak Espainian. Uztailetik irailera %2,3tik %3,5era igo zen kontsumo prezioen indizea (KPI), eta maila horretan geratu da urrian.
INE Espainiako Estatistika Institutuak inflazioaren lehen datua aurreratu du gaur, eta azaroaren 13an osatuko du. Orduan jakingo da Hego Euskal Herrian zer bilakaera izan duten prezioek, baina, teorian, ez luke gorabehera handirik izan behar. Irailean, %3,8ra heldu zen.
Energiak berriro pisu handia izan du urriko datu aurreratuan. Argindarrak inflazioari gora egin dio tira, baina ez garestitu delako, baizik eta iazko urrian baino gutxiago merkatu delako. Orduan, udazkeneko haizeteek asko handitu zuten energia eolikoaren ekarpena, eta horrek erraztu zuen urte arteko inflazioa 1,6 puntu galtzea, %7,3raino.
Aurtengoan, ordea, ez da halakorik izan, baina erregaiaren merkatzeak lagundu egin du tasa egonkor mantentzen. Hego Euskal Herrian, esaterako, gasolio litroa batez beste 1,686 euroan salerosi da orain arte urrian, iazko urrian baino 33 zentimo merkeago (2,013 euro litroa). Irailetik urrira ez da aldaketa handirik izan gasolioan, baina bai, ordea, gasolinan: litroa 1,774 eurotik 1,1715era jaitsi da. Iazko urritik, berriz, bederatzi zentimo merkatu da.
Inflazioaren gorakadaren beste eragile nagusia elikagaiak izan dira azken bi urteetan. INEren arabera, urrian ere pixka bat garestitu dira, baina ez iazko urrian bezainbeste.
Elikagaiak eta energia kontuan hartzen ez dituen indizea, azpiko inflazioarena, sei hamarren txikitu da Espainian, %5,2raino.
Batez besteko pentsioa, 50-60 euro handiagoa
Urriko datuak ez du aldaketa handirik eragin urte arteko inflazioan —%3,85etik %3,81era jaitsi da—, eta, azaroan sekulako gorabeherarik ez badago, aurreratu daiteke pentsioa gutxi gorabehera %3,8 igoko zaiela datorren urtean Hego Euskal Herriko 600.000tik gora pentsioduni. Hau da, batez besteko pentsioa 50 eta 60 euro artean handituko dela urtarrilaren 1ean. Indarrean dagoen araudiaren arabera, pentsioak aurreko urteko abenduko eta ondorengo urteko azaro bitarteko batez besteko inflazioaren arabera eguneratzen dira.
|
2023-10-30
|
https://www.berria.eus/albisteak/234560/valtonyc-abeslaria-etxera-itzuli-da-sei-urte-erbestean-eman-ondoren.htm
|
Mundua
|
Valtonyc abeslaria etxera itzuli da, sei urte erbestean eman ondoren
|
Besteak beste, Espainiako koroari irain egitea leporatuta hiru urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zioten Espainiako epaileek 2018an, baina Belgikak uko egin zion hura estraditatzeari.
|
Valtonyc abeslaria etxera itzuli da, sei urte erbestean eman ondoren. Besteak beste, Espainiako koroari irain egitea leporatuta hiru urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zioten Espainiako epaileek 2018an, baina Belgikak uko egin zion hura estraditatzeari.
|
«Sei urte!, Sei urte! Putakumeak! Ez dago eskubiderik!»; hegazkinean egin zituen hitzok atzo Josep Miguel Arenas Valtonyc rap abeslariak, Vilaweb atariaren arabera. Izan ere, sei urte erbestean eman ondoren, atzo itzuli zen Mallorcara, jaioterrira. Hiru urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zioten 2018an Espainian, bere abestietan terrorismoaren gorazarrea, mehatxuak eta Espainiako koroari irain egitea leporatuta. Egotzitakoak preskribatu ostean itzuli da musikaria.
Atzo goizean iritsi zen Palmako aireportura, eta hantxe bertan egin zioten lehenengo ongietorria. Sei urtez ezin izan zuen familia ikusi, eta ama ere hil zitzaion, hari agur esateko aukera izan gabe. Senideak besarkatu zituen, ezer baino lehen.
«Penagarria da hona heldu ez izana Espainiako autokritika egin duelako, eta abeslariak zigortuz akats bat egin zuela onartu duelako», esan zuen orduan. «Haatik, Belgika gauza izan da bere zigor kodea aldatzeko, koroari eginiko irainen delitua kentzeko». Izan ere, Valtonycen aferak lurrikara bat eragin zuen Belgikako legedian, 2021. urtean: hango Auzitegi Konstituzionalak indargabetu egin zuen erregearen aurkako irainen legea, adierazpen askatasunaren aurkakoa dela adierazita.
Flandrian hartu zuen babes musikariak, Espainiako Auzitegi Gorenak bere kontrako zigorra berretsi, eta kartzelara sartzeko epea bukatzen zitzaion egunean. Epaile espainiarrek hainbat aldiz eskatu zioten Belgikari artista estraditatzeko. Azkenean, legea aldatuta, herrialdeak behin betiko baztertu zituen musikaria estraditatzeko eskaerak, ezin delako inor entregatu beste estatu bati, hari leporaturikoa ez bada delitua Belgikan.
Valtonycek gogoan hartu zuen atzo Pablo Hasel musikaria, eta hura askatzeko eskatu zuen. Abestietan «terrorismoa goratzeagatik» eta Carles Puigdemont Kataluniako presidenteari eginiko jazarpenaren aurkako protesta batean parte hartzeagatik zigortu zuten Hasel. Bi urte baino gehiago eman du preso Haselek, eta bost urte inguru eman behar ditu oraindik.
Erbestean bizitzea «oso gogorra» izan dela esan zuen atzo Valtonycek, baina «merezi izan» duela gaineratu zuen.
Erreakzio politikoak eragin ditu abeslariaren itzulerak. «Ongi itzuli zure herrira, geurea ere badena. Zurekin denok itzultzen gara apur bat. Eskerrik asko erbeste bidegabeari aurre egiteagatik, eta geuri laguntzeagatik inoiz amore eman gabe. Ohorea izan da bidaia partekatzea», idatzi zuen larunbatean Puigdemontek.
Arnaldo Otegik ere txio batekin zoriondu zuen atzo musikaria: «Itzuli eta berriz hasi, erori eta altxatu, erori eta altxatu».
Besteak beste, No al borbó abestian esandakoengatik zigortu zuen Espainiak musikaria.
|
2023-10-30
|
https://www.berria.eus/albisteak/234561/elak-jaurlaritzari-egotzi-dio-administrazioan-euskara-lehenesteko-urratsik-ez-egitea.htm
|
Gizartea
|
ELAk Jaurlaritzari egotzi dio administrazioan euskara lehenesteko urratsik ez egitea
|
Balorazioa egin du sindikatuak gobernua administrazioan euskara normalizatzeko ontzen ari den dekretuaz, eta hainbat puntu ilunez ohartarazi du
|
ELAk Jaurlaritzari egotzi dio administrazioan euskara lehenesteko urratsik ez egitea. Balorazioa egin du sindikatuak gobernua administrazioan euskara normalizatzeko ontzen ari den dekretuaz, eta hainbat puntu ilunez ohartarazi du
|
«Eusko Jaurlaritzak sektore euskarafoboen presioari men egin, eta uko egin dio hizkuntza eskubideak parekatzeari. Ondorioz, aurrerantzean ere gaztelania izango da lehentasunezko hizkuntza. Herritarron kasuan, euskaldunok geure burua nabarmentzen jarraitu beharko dugu euskaraz artatuak izateko», azterketa kritikoa egin du gaur ELA sindikatuak Eusko Jaurlaritza administrazioan euskara normalizatzeko ontzen ari den dekretuaz. Txosten bat aurkeztu du adierazteko sindikatuak zer proposamen egin dituen arlo horretan. Txosten horretan esaten da dekretuan badaudela aurrerapauso batzuk jasota, baina puntu ilun zenbaiti ere erreparatzen zaie.
ELA-Gizalaneko zuzendaritzako kide Aintzane Orbegozok eta sindikatuko Euskara arduradun Pello Igeregik hartu dute hitza agerraldian. Bilbon izan da. Salatu dutenez, gaur egun, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zerbitzu publikoetan ohikoa da hizkuntza eskubideak urratzea. «Egun, herritarrek ez dute bermerik administrazioetan euskaraz artatuak izateko». Onartu dute alorrez alor egoera aldatzen dela, baina badirela «zapalkuntza sistematiko» baten adierazpenak. Osasun sistemako zenbait arlotan, esaterako, edo justiziaren eremuan.
Langileen eskubideen zapalketa bat ere badagoela ikusten dute. «Langile publikoak behartuta daude, oro har, gaztelaniaz lan egitera. Horregatik exijitzen da gaztelaniaren ezagutza lanpostu publikoen %100ean, eta euskararena soilik lanpostu batzuetan», deitoratu dute. Eta esan dute Jaurlaritza ontzen ari den araudi berriak ez duela sakoneko aldaketarik ekarriko. «Dekretu proiektuak egoera hori normalizatu eta arautzen du, berriz ere».
Zehazki salatu dute dekretu proiektuak «debekatu» egiten duela, adibidez, euskara oinarrizko ezagutza gisara eskatzen den lanpostuetan meritu gisara ezagutza handiagoa aintzatestea. Horrek esan nahiko luke, sindikatuaren arabera, adibidez B2 maila eskatzen bada, ez dela «meritu gisara» puntuatuko maila jasoago bat egiaztatzea. Hortik kritika: «Inork imajina dezake oposizioetan ikasketetan gradua eskatua bai, baina espresuki eta legez debekatzea meritu gisara master bat puntuatzea? Bada, hori da Eusko Jaurlaritzak proposatzen duena».
Hamabost urtean
Zuztarreko aldaketak behar direla iritzita, bi hizkuntza ofizialak «parekatzeko» unea dela esan du ELAk. Eta proposamen bat egin dio Jaurlaritzari: hamabost urteko trantsizio epe bat diseinatzea egungo egoeratik elebitasunera igarotzeko, langileak euskalduntzeko neurri eta baliabideekin.
«Helburuetan irmoak eta bidean malguak izateko garaia da», esan du Igeregik. Ekiteko eskatu dio Jaurlaritzari: «Bestela, gaztelaniaren nagusitasuna normalizatu egiten da». Gogora ekarri du, gainera, «eskuin mutur politiko eta judiziala oinarrizko eskubideak bermatzeko neurriak» ere auzitan jartzen ari dela, «inposizio» gisara aurkezteko ahalegina egiten dutela, eta aurre egin behar zaiela halakoei.
Horiek horrela, sindikatuak dei egin die herritarrei larunbat honetan Bilbon Euskalgintzaren Kontseiluak deituta egingo den manifestazioan parte hartzera, euskararen normalizazioaren aldeko neurrien kontra abian den oldarraldi judizialari desadostasuna erakusteko asmoz.
|
2023-10-30
|
https://www.berria.eus/albisteak/234562/arartekoak-bizkaiko-foru-aldundiari-oroitarazi-dio-ezin-duela-arreta-digitala-inposatu.htm
|
Gizartea
|
Arartekoak Bizkaiko Foru Aldundiari oroitarazi dio ezin duela arreta digitala inposatu
|
Erretiratu batek helarazi zuen kexa, Bizkaiko Ogasuneko informazioa egoitza elektronikoan soilik jaso zezakeelako.
|
Arartekoak Bizkaiko Foru Aldundiari oroitarazi dio ezin duela arreta digitala inposatu. Erretiratu batek helarazi zuen kexa, Bizkaiko Ogasuneko informazioa egoitza elektronikoan soilik jaso zezakeelako.
|
Salbuespena izan behar du administrazioarekin soilik modu elektronikoan erlazionatu ahal izateak, eta herritarrek eskubidea dute harekin zer modutan komunikatu aukeratzeko. Horixe gogorarazi dio EAEko Arartekoak Bizkaiko Foru Aldundiari. Erretiratutako lagun batek kexa bat helarazi zion Bizkaiko Ogasunari, informazioa egoitza elektronikoan soilik jaso zezakeelako. Ogasunekoek, ordea, erantzun zioten, indarrean den legediaren arabera, «administrazioarekin modu elektronikoan komunikatu behar duen zergaduna» dela bera.
Arartekoak ez du berdin ebatzi. «Zerbitzu horren erantzuna ez dator bat indarrean den legediarekin», azaldu du ebazpenean. Modu elektronikoan soilik erlazionatzera behartzeak salbuespenezko neurria izan behar du, herritarrek nola komunikatu aukeratzeko eskubidea baitute. Herritarren defendatzaileak Foru Aldundiari gomendatu dio herritarrekin harremana duten langileei formakuntzak emateko, ematen duten informazioa «legediari lotutakoa, gertukoa eta ulergarria izan dadin, bereziki eten digitalak eragiten dien kolektiboentzat».
Salatutakoa bezalako kasuetan, arartekoak administrazioa bultzatu du jakinarazpenak herritarrak hautatutako bidetik egitera. Eten digitala pairatzen duten kolektiboen egoera ebaluatzeko ere gomendatu die, jakiteko ea posible den haiek modu elektronikoan soilik erlazionatzera behartzea.
|
2023-10-30
|
https://www.berria.eus/albisteak/234563/estatuaren-biktimekin-dagoen-laquoanestesia-orokorra-apurtzeraraquo-deitu-dute-eusko-legebiltzarrean.htm
|
Politika
|
Estatuaren biktimekin dagoen «anestesia orokorra apurtzera» deitu dute Eusko Legebiltzarrean
|
Batzordearen hirugarren txostenak legearen erreforma eskatu die talde politikoei, bere lana «2030era arte» luza ez dadin.
|
Estatuaren biktimekin dagoen «anestesia orokorra apurtzera» deitu dute Eusko Legebiltzarrean. Batzordearen hirugarren txostenak legearen erreforma eskatu die talde politikoei, bere lana «2030era arte» luza ez dadin.
|
«Beren kabuz hitz egiten» duten 66 biktimaren testigantzak jaso ditu 1978-1999 bitartean motibazio politikoko giza eskubideen urraketak jasandako biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko batzordeak hirugarren txostenean, baina 131 espediente aztertu ditu azken urtean. 66 horietatik zazpi heriotza daude, betiere estatuaren polizia indarrek edota motibazio politikoak eraginda. Batzordeko presidente Juana Balmasedak talde politikoei eskatu die «babesten jarraitzeko» biktima horiei egia eta erreparazioa emateko egiten duten lana. Eta, horretarako, bitarteko gehiago eskatzeaz gain, eskatu die erreformatzeko batzordea sostengatzen duen legea. «Badakigu hauteskunde garaian gaudela, baina urgentziazkoa da», esan die.
Zergatik den beharrezkoa? Balmasedak Lasa eta Zabalaren auziari erreparatu dio aldaketaren beharra azaltzeko. Joxi Zabala biktima gisa aitortu du plazaratu berri den txostenak, baina Joxean Lasa ez, azken horren familiaren eskaera ez delako sartu eskaeren «epe zorrotzen barruan». Hala, Balmasedak epeen zurruntasuna aldatzeko beharra azpimarratu du, horrelako «disfuntzioak» gerta ez daitezen.
Ikusi gehiago: Balorazio batzordeak 66 biktimari eman die aitortza, torturetan eta haren eraginetan indar eginda
Baina badaude beste aldagai batzuk legea erreformatzeko eskaeraren atzean. Batzordeko kide Jon Mirena Landak garbi esan du «terrorismoko biktimen aldean bazterturik» sentitzen direla motibazio politikoko giza eskubideen urraketak jasandakoak, esaterako, kalte ordainetan. Eta kalte ordainei begira ere erreforma bat behar dela azaldu du.
Landak esplikatu duenez, atal judizialean justizia egin ahal izateko, aurrena apurtu egin behar da «gizartean dagoen anestesia orokorra». «Lehen urrats gisa, egia ezagutu eta azaleratu egin behar da, gero justizia irits dadin». Eta horretarako, batzordeak egin dituen «txostenak hedatzeko» eskatu diote Eusko Legebiltzarrari, «baita Espainian ere», ikusten baitute biktima horien txostenak ez direla iristen ari, «ez direla mugitzen ari».
Alderdien txaloak eta babesa
Giza Eskubideetako, Berdintasuneko eta Justiziako Batzordean parte hartu duten alderdien ordezkari guztiek txalotu egin dute batzordearen lana eta eskertu ere bai, PPko ordezkari Carmelo Barriok salbu. Hark agindu du bere alderdiak txostena «zorroztasunarekin» aztertuko duela, Balmasedak txostenetik irakurritako zenbait tortura pasarte gogorren inguruko beste baloraziorik egin gabe. EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUko ordezkariek, berriz, agindu dute aintzat hartuko dituztela batzordearen eskaerak, «nahiz eta legealdi honetan legea aldatzea ezinezkoa izango den», ordezkari gehienek onartu dutenez.
EH Bilduko legebiltzarkide Julen Arzuagak esan du apaldu egin dela biktima batzuek batzordearen inguruan zuten mesfidantza, «taldearen lan onaren aurrean». Gaineratu du txostenean «biktimekiko gertutasuna» islatzen dela , eta horietako batzuei «ahotsa» jarri dietela. Galdetu du, bestalde, Espainian biktimen inguruko lege berri bat onartu denez, ez ote den hurrengo urratsa egin behar, «biktimak aitortu eta gero, biktimarioak aurkitzeko».
Hain zuzen, Lasa-Zabalaren auziaren barruan, Tolosako hilerrian Ertzaintzak izandako oldarraldiaz galdetu du. Txostenean, familiek jasandako «birbiktimizazioari» erreparatzen zaio, Ertzaintza aipatuz, «baina zenbaki zehatzak aipatu gabe». Landak erantzun du ez badira azaltzen, hain zuzen, informazio hori ez dagoelako dela.
EAJko legebiltzarkide Iñigo Iturratek, berriz, batzordeko ordezkariei esan die «ez egiteko zalantzarik» Eusko Jaurlaritzaren eta EAJren babesaren inguruan. Bihar, Kursaalean egingo den aitortza eta erreparazio ekitaldia gogoratu du, eta beste ekinbide batzuk ekarri ditu hizpidera, esaterako, Gogora Institutuaren Begiradak proiektua. Aurreratu du EAJk ez duela baztertzen legea aldatzea, datorren legealdian; aztertuko dela.
PSE-EEko Miren Gallastegik, berriz, azken txostenaren «garrantzia» azpimarratu du, eta onartu du «aztertu» egin behar dela kalte ordainen eta beste atal batzuen aldaketa. Dagokionean, bere taldeak aldaketa horien guztien «balorazioa» egingo duela erantsi du.
Elkarrekin Podemos-IUko ordezkari Iñigo Martinezek legearen epeak aldatzeko beharrari erreparatu dio, batzordeko kideen antzera, eta azaleratu du Lasa-Zabala auziaren biktimetako bat jaso duela azken txostenak, eta bestea ez. Indarkeriaren beste biktima batzuen aitortzarekiko «aldea» dagoela ere aipatu du txostenean jasotakoei buruz aritzean. Edonola ere, batzordearen lana eskertu, babestu eta txalotu du, eta legearen erreformari ekiteko «prest» azaldu da.
|
2023-10-30
|
https://www.berria.eus/albisteak/234564/hizkuntza-ereduak-desager-daitezela-eskatu-du-helduen-euskalduntze-sektoreak.htm
|
Gizartea
|
Hizkuntza ereduak desager daitezela eskatu du helduen euskalduntze sektoreak
|
Kezka azaldu dute «euskararen normalizaziorako muga izan diren tresna atzerakoiak» betikotzeko arriskua dela eta
|
Hizkuntza ereduak desager daitezela eskatu du helduen euskalduntze sektoreak. Kezka azaldu dute «euskararen normalizaziorako muga izan diren tresna atzerakoiak» betikotzeko arriskua dela eta
|
Helduen euskalduntze eta alfabetatzea etorkizunean desagertzeko asmoz sortu zen duela 60 urte, egunen batean haien lana beharrezkoa ez zela izango pentsatuz eta irrikatuz. Zoritxarrez, egun hori ez da iritsi, euskara bere erabateko normalizaziotik urrun dagoelako oraindik, eta horren arrazoietako bat da hezkuntza sistemak ez duela lortzen eskoletatik ateratzen diren belaunaldi berriak euskalduntzea. Arabako Bizkaiko eta Gipuzkoako Hezkuntza Lege berria eztabaidatzen ari den honetan, helduen euskalduntze eta alfabetatzean aritzen diren erakunde, sare eta euskaltegi nagusiak plazara atera dira, eta hizkuntza ereduak desagerrarazteko eskatu dute, «euskararen normalizaziorako muga izan diren tresna atzerakoiak» direlakoan.
Herri ekimenez sorturiko euskalduntze eta alfabetatze elkarte eta euskaltegiek babestu dute eskaera. Horien artean daude AEK, Elkarlan sareko Gabriel Aresti, Bilbo Zaharra eta Joan Mateo Zabala euskaltegiak, Batuz elkarteko Ulibarri, Urrats, Ilazki, Hitzez, Legazpi 6, Altza-Urumea, Herri Jakintza eta Udaberria euskaltegiak, Gasteizko, Nafarroako eta Errioxako IKA, Leizaur, Jose Antonio Agirre, Bai&By eta Maizpide barnetegia.
Haien izenean AEK-ko Aize Otañok azaldu duenez, euskararen normalizazioak hiru ardatz izan behar ditu: hezkuntza, transmisioa eta helduen euskalduntze eta alfabetatzea. «Hiruretako batek kale eginez gero, herren eta nekez iritsiko gara euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa erdiestera».
Hala ere, urte askoan batzuek pentsatu dute eskolaren bidez haurrak euskalduntzeak berez ekarriko zuela etorkizun hurbil batean euskara berreskuratzea: «Tamalez, denborak garbi erakutsi digu hori ez dela nahikoa; irakaskuntza arautuaren mugak agerikoak dira». Horregatik, «estrategikotzat» jo dute helduen euskalduntze sektoreak egiten duen lana: «Euskararen normalizazio prozesuan beharrezkoa da herritar guztiek euskaraz jakitea eta euskara eroso erabili ahal izateko guneak izatea; horretan guztian gure sektoreak ezinbesteko ekarpena egiten jarraitzen du».
Bermerik ez
Eusko Legebiltzarrean Hezkuntza Lege berria onartzeko prozesuari ekin diotela eta, euskaltegiek kezkaz ikusi dute hizkuntza ereduak betikotzeko arriskua dagoela: «Ereduen sistemak ez du inondik ere bermatzen etorkizuneko belaunaldi euskaldun eleaniztunak sortzea, eta, are gutxiago, ezarritako euskaraz komunikatzeko gaitasun mailak izatea».
Helduen euskalduntze eta alfabetatze arloko eragileek nabarmendu dute legearen zirriborroak jasotzen duela euskara sistema berriaren «ardatz» izatea, baina ez duela argitzen helburura iristeko zein hizkuntza ereduri jarraituko zaion: «Nola interpretatu behar dugu sistema eleaniztuna izatea?», galdetu dute.
Eragileen ustez, «euskara ikas eta irakas hizkuntza izango duen ikas eredu orokortu inklusiboak» izan behar du oinarria: «Hezkuntza Legeak euskara gehiago behar du, gutxien duenari gehiago eman ahal izateko».
|
2023-10-30
|
https://www.berria.eus/albisteak/234565/errusiaren-arabera-ez-dio-uko-egiten-mendebaldearekin-hitz-egiteari.htm
|
Mundua
|
Errusiaren arabera, ez dio uko egiten Mendebaldearekin hitz egiteari
|
Sergei Xoigu Errusiako Defentsa ministroak esan du Mendebaldeak bere «politika suntsitzailea» berraztertu beharko lukeela, ezer baino lehen.
|
Errusiaren arabera, ez dio uko egiten Mendebaldearekin hitz egiteari. Sergei Xoigu Errusiako Defentsa ministroak esan du Mendebaldeak bere «politika suntsitzailea» berraztertu beharko lukeela, ezer baino lehen.
|
NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko herrialdeak ari dira Ukrainari militarki laguntzen Errusiaren aurkako gerran. Sergei Xoiguren esanetan, AEBek eta Mendebaldeko aliantza militarrak uste dute horrela «zulatu» ahal izango dutela Errusiaren segurtasuna, eta «eusteko borondatea» kenduko dietela errusiarrei. Baina Errusiako Defentsa ministroak gaur Pekinen adierazi duenez, NATO eta Washington oker jokatzen ari dira. Hori bai, nabarmendu du, beste batzuetan egin bezala, Errusiak ez diola uko egiten Mendebaldearekin hitz egiteari, baina hark bere «politika suntsitzailea» berraztertu beharko duela.
Xoiguren arabera, Errusiak «porrot estrategiko bat» izatea da Mendebaldearen asmoa. «Horrela nekez negoziatu ahal izango da ganoraz esparru horretan», esan du gaur Txinako hiriburuan, defentsa foro batean, Errusiako Defentsa Ministerioaren Telegrameko kanalak jaso duenez. Ohartarazi du, bide batez, «gatazka aldiro koska bat estutzen ibiltzeak» areagotu egiten duela potentzia nuklearren arteko gerra arriskua. «Horren ondorioak katastrofikoak lirateke».
Aintzat hartu behar da, hain zuzen, duela bi aste Errusiak erabaki zuela debekua kentzea saio nuklearrak egiteari. Izan ere, Proba Nuklearrak Erabat Debekatzeko Hitzarmenaren berrespena baliogabetu zuen Errusiako Parlamentuak. Xoiguk, dena den, garrantzia kendu nahi izan dio egindako hautuari, eta gogoratu du AEBek inoiz ez dutela berretsi akordioa. Errepikatu du, bide batez, Errusia prest dagoela hitz egiteko eta «segurtasun arazoak» konpontzeko, «elkarrizketa justua, bidezkoa» bada, eta «aldeen arteko errespetuan» oinarritzen bada.
Ikusi gehiago: Ukrainan bakea eraikitzeko oinarriak eztabaidatzen ari dira 40 estatu Saudi Arabian
Horrekin lotuta, asteburuan nazioarteko konferentzia bat egin dute Ukrainako auziari buruz, Maltan. Foro horren hirugarren bilera izan da, ekainean Danimarkan eta abuztuan Saudi Arabian egindakoen ondoren, eta 60tik gora herrialderen babesa jaso du Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak, auzirako bake irtenbide bat negoziatzeko berak ezarritako baldintzetatik abiatuta. Ez dute, ordea, adierazpen bateraturik sinatu. Baldintza horietan zera eskatzen dute, finean: Errusiako tropak ateratzea Ukrainako lurretatik, Krimeatik barne. Txinako ordezkaririk ez da egon Maltan —Saudi Arabian egon ziren—, ez eta Ukrainakorik ere.
Lukaxenkoren eskaera
Aleksandr Lukaxenko Bielorrusiako presidenteak azpimarratu du Ukrainako gerra «ez atzera, ez aurrera» dagoela, eta, horregatik gatazka eteteko eskatu du. «Mahai baten bueltan eseri eta akordio bat iritsi behar dugu. Aurretiaz ez da baldintzarik ezarri behar; egin behar dena zera da, gelditzeko eskatu», adierazi zuen Vladimir Putin Errusiako presidentearen aliatuak atzo, bere herrialdeko albiste agentzia batean egin zioten elkarrizketan.
Frontean, hain zuzen, Errusiako eta Ukrainako indarrak kateatuta daude Donetsk eskualdeko Avdivka hirian. Moskuren arabera, hiri hori hartuta aukera izango lukete Donetsk osoa kontrolpean edukitzeko. Orain eskualde horren %60 inguru kontrolatzen du. Ukrainako iturri ofizialek jakinarazi dute, bestalde, ontziak konpontzeko lantegi bati eraso egin diola Errusiak Odesan, eta horren ondorioz bi lagun zauritu direla.
|
2023-10-30
|
https://www.berria.eus/albisteak/234566/etorbidea-zubiko-hesiak-kendu-dituzte.htm
|
Gizartea
|
Etorbidea zubiko hesiak kendu dituzte
|
Irun eta Hendaia arteko oinezkoen zubian azken bi urteetan egon diren hesiak kendu dituzte. Ordainean, Frantziako Poliziak eta militarrek zaindu dute pasabidea goizean.
|
Etorbidea zubiko hesiak kendu dituzte. Irun eta Hendaia arteko oinezkoen zubian azken bi urteetan egon diren hesiak kendu dituzte. Ordainean, Frantziako Poliziak eta militarrek zaindu dute pasabidea goizean.
|
Irun (Gipuzkoa) eta Hendaia (Lapurdi) arteko oinezkoen Etorbidea zubia hesiz josia egon da azken bi urteetan, Frantziako Gobernuak hala erabakita. Azkenean, atzo arratsean ireki zuten zubia, Pirinio Atlantikoetako prefeturak zubia egun irekiko zutela hitzeman ondoan. Hesiak kendu badituzte ere, kontrolpean daukate zubia oraindik ere: Frantziako armadako bi auto eta Frantziako Poliziaren kamioi bat egon dira goizean.
Terrorismoaren kontrako borrokaren aitzakian mugako beste zazpi pasabide hetsi zituen 2021ean Frantziako Gobernuak. Geroztik, hiru pasabide itxita egon dira: Etorbidea zubia, Izpegiko lepoa eta Larraineko pasabidea. Ofizialki, egun ireki dituzte hirurak. Halere, Izpegikoan eta Larrainekoan herritarrak normal-normal ibili dira azken hilabeteetan, kontrolik ez baitzegoen bertan eta ez baitzuten hesirik ezarri.
Irekia, baina kontrolpean
Irekitzea ospatzeko, herritarrek koloretako aireko baloiak Etorbidea zubian. Jende multzo bat bildu da bertan, zubian joan-etorrika ibiltzeko; aspaldian ezin izan dute zubi hori zeharkatu. Noelle Bruzaud erretretan da, eta Hendaian bizi da aspalditik. «Ez da mugarik, bi aldetako Euskal Herrien lotura da zubi hau, eta zinez zentzugabekeria bat zen hetsirik atxikitzea», salatu du. Halere, erran du «neurrizko askatasuna baizik ez» dutela «berreskuratu», Frantziako armadako bi autoei eta Frantziako Poliziaren kamioiari erreferentzia eginez. Baina erran du «sinboloek beren garrantzia» badutela, eta, kontrolak izan arren, uste du berri «ona» dela.
Harekin bat egin du Hendaiako Marie Papok: «Sinbolikoki garrantzitsua da gu hemen egotea goiz honetan». Galdetu du, halere, irekiera ez ote den «neurri kosmetikoa», oraindik ere kontrolatua delako zubia.
Bi musikari ere bertaratu dira Etorbidea zubira, txalapartan aritzera. Azaroaren 4an Euskalgintzaren Kontseiluak eginen duen manifestaziorako afixa zintzilikatu diote txalapartari. Astelehen goizetan egin ohi duten errepika, zubian egitea erabaki dute goizean, irekiera dela eta. Makalo Jauregi hendaiarra da horietako bat, eta erran du «muga inposatua» dela Hego eta Ipar Euskal Herriaren artean, eta Etorbidea zubia hetsirik egon izana horren lekuko dela. «Oso artifiziala izan da mugida guzia, eta gezur bat izan da, Frantziako Gobernuaren komunikaziorako. Kanpora begira erran zezaketen mugak itxita zeudela, baina errealitatean pareko zubia irekita egon da, Etorbidea zubia itxita, ez du zentzurik».
Auzapezen besarkada
Goizean goiz, Hondarribiko Igor Enparan auzapeza, Jose Antonio Santano Irungo auzapeza eta Kotte Ezenarro Hendaiako auzapeza zubian elkartu dira, eta elkar besarkatu dute irekiera ospatzeko. Auzapezek azken hilabeteetan salatu izan dute mugaren hetsiera, eta, uztailean, Frantziako Tourraren karietara ireki zutenean neurriaren zentzugabekeria ezarri zuten jomugan. Santanok uste du «Europako Batasuneko historiaren zati beltz» bat atzean utzi dutela irekitzearekin.
|
2023-10-30
|
https://www.berria.eus/albisteak/234567/udal-eta-foru-langileek-protestak-egingo-dituzte-euskararen-aurkako-erasoak-salatzeko.htm
|
Gizartea
|
Udal eta foru langileek protestak egingo dituzte euskararen aurkako erasoak salatzeko
|
LAB sindikatuak ohar bat zabaldu du Kontseiluak larunbatean egingo duen mobilizazioarekin bat egiteko, eta atariko gisa langileek egingo dituzten protestak iragartzeko
|
Udal eta foru langileek protestak egingo dituzte euskararen aurkako erasoak salatzeko. LAB sindikatuak ohar bat zabaldu du Kontseiluak larunbatean egingo duen mobilizazioarekin bat egiteko, eta atariko gisa langileek egingo dituzten protestak iragartzeko
|
«Euskararen erabileraren kontrako oldarraldi judiziala bete-betean nozitzen ari dira udal eta aldundietako langileak», gogora ekarri du gaur LAB sindikatuak, ohar baten bidez. Nabarmendu du langileei hizkuntza eskakizunak ezartzearen aurkakoak izan direla euskararen normalizazioaren kontra urteotan izandako hainbat epai, eta iragarri du udal eta foru langileek protestak egingo dituztela asteon, ebazpen horiei desadostasuna erakusteko. Dei egin du, bide batez, larunbatean Bilbon Euskalgintzaren Kontseiluak deituta oldarraldi judizialaren aurka egingo den manifestazioan parte hartzera.
LABek salatu du hizkuntzen kudeaketaren gaineko EAEko Udal Legearen dekretua ere kamustu duela EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, zenbait artikulu baliogabetu egin direla, eta «eraso oso larria» dela hori ere euskararen normalizazioaren aurka.
«Udal eta foru administrazioko langileek epaileen eraso ugari pairatu dituzte», adierazi du sindikatuak. «Langileei ez zaie bermatzen euskaraz lan egiteko eskubidea. Herritarrei, oro har, urratu egiten zaie zerbitzu publikoa euskaraz jasotzeko eskubidea». Horregatik uste du beharrezkoa dela mobilizazioa. Protestak egingo dituzte euskararen normalizazioaren aldeko neurriak eragozteko urteotan sententziak «pairatu» dituzten udal eta foru erakundetan. Horietan guztietan, langileek atxikimendua erakutsiko diote azaroaren 4ko manifestazioari.
Lau protesta
Lehen protesta bihar izango da. Uliazpi foru erakundeko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko langileek egingo dute. Uliazpiren aurka martxoan eginiko epaiak oihartzun handia izan zuen. Uliazpik 34 zaintzaile kontratatzeko prozesua onartu zuen 2021eko uztailean; euskaraz jakitea —B2 titulua izatea— baldintza bat zen 32 postutarako, eta meritua beste bitarako. Epai batek, ordea, desegokitzat jo zuen hori.
Azaroaren 2an, bi protesta egingo dituzte, bat Laudioko udal langileek, eta bestea Barakaldokoek. Azaroaren 3an izango da azken protesta. Hezkuntzako langileek egingo dute, Iruñean, Hezkuntza Departamenduaren aurrean.
|
2023-10-30
|
https://www.berria.eus/albisteak/234568/bertako-hitzarmenak-defendatzeko-greba-egin-dute-arropagintzako-langileek.htm
|
Ekonomia
|
Bertako hitzarmenak defendatzeko, greba egin dute arropagintzako langileek
|
ARTE patronalak deitutako negoziazio mahaiaren egun berean egin dute greba. Lurraldeetako hitzarmenak mantentzea eskatzen dute.
|
Bertako hitzarmenak defendatzeko, greba egin dute arropagintzako langileek. ARTE patronalak deitutako negoziazio mahaiaren egun berean egin dute greba. Lurraldeetako hitzarmenak mantentzea eskatzen dute.
|
Hego Euskal Herriko arropagintzako langileek greba egin dute gaur, ELA sindikatuak deituta. Espainiako ARTE patronalak Madrilen zentralizatu nahi du sektore horretako hitzarmena, eta erabaki horren aurka mobilizatu dira sektoreko langileak Hegoaldeko lau hiriburuetan.
Izan ere, Hegoaldeko lau lurraldetan sektoreko lan itun propioak daude, Espainiako langile gehienek dituzten lan baldintzak baino hobeak izatea bermatzen dietenak. Mamen Irastorza ELAko ordezkariak eta H&M dendako langileak adierazi du «oso pozik» daudela greba deialdiak izan duen erantzunarekin. Gipuzkoan 192 langilek egin dute greba, «inoiz baino gehiagok».
Zara eta H&M dendak itxita zeuden, baita Irungo eta Errenteriako Women'secret saltokiak ere. Donostiako Garbera merkataritza zentroan elkartu dira lurraldeko langile asko, eta zentroko dendetatik pasatu dira protesta egiteko eta bertako langileei grebara batzeko eskatzeko.
Negoziazio kolektiboaren afera
Bigarren negoziazio bilera egin dute gaur ARTE patronalak eta sindikatuek Madrilen, eta, lehen negoziazioan egin zuten moduan, ELA ere bertan izan da. Madrilen zentralizatutako hitzarmen bat adostea dute helburu patronalak eta Espainiako sindikatu nagusiek, baina ELAk aldarrikatu du Hego Euskal Herriko lurraldeetako itunak «bertan» negoziatu ahal izatea.
2025 amaieran iraungiko da Gipuzkoako hitzarmena, eta hori bukatzean estatukoa aplikatu ahalko diete.
Nahiz eta Gipuzkoako itunean behin betiko ultraaktibitatea adostu, hitzarmen berri bat negoziatzeko, aurreko ituna salatu behar da, legez, eta berria onartu artean, ez aurrera ez atzera dauden bitartean, estatuko hitzarmena aplikatuko litzaieke langileei.
«Hori dela eta, negoziazio honetatik atera eta Hego Euskal Herrian bakean utz gaitzatela eskatzen dugu. Gure lan baldintzak mantendu nahi ditugu, baita gure lurraldetako hitzarmenak negoziatzen jarraitu ere», aldarrikatu du Irastorzak.
Lurraldetasuna
Espainiako sindikatu handiak ari dira ARTErekin negoziatzen. Haientzat albiste ona litzateke Espainian hitzarmen berria sinatzea, eskualde askotan ez baitute hitzarmenik, eta langile askok lanbide arteko gutxieneko soldata irabazten dute.
Hala ere, ELAk garbi du hitzarmen hori baldintza hobeak dituzten lekuko hitzarmenekin uztartu beharko litzatekeela. Izan ere, Madrilgo itun hori Hegoaldean aplikatzeak soldata jaitsiera handiak ekarriko lituzke Hego Euskal Herrian. Irastorzak adierazitakoaren arabera, gutxieneko 18.000 euroko soldata adostu nahi dute, baina Gipuzkoan martxoan sinatu zuten hitzarmenak gutxieneko 22.000 euroko soldata arautzen du.
Kontu horrekin lotuta, ELAk gogorarazi du Hego Euskal Herrian bizitzea garestiagoa dela, eta, beraz, langileek soldata handiagoak behar dituztela erosteko ahalmena bermatzeko.
Horrez gain, ELAk gogorarazi du bertako hitzarmen hobe horiek borroka sindikalari eta grebei esker lortu direla. «Hitzarmen ona dugu Gipuzkoan, adostea asko kostatu zitzaiguna, hemeretzi greba egun egin baikenituen», gogorarazi du Irastorzak.
|
Subsets and Splits
No community queries yet
The top public SQL queries from the community will appear here once available.